text
stringlengths
3.39k
741k
UXUE ALBERDI atsoak hor jarraitzen du Bertso-sorta eta Mariasun Monzon-en artikulua: azkenetan den mundu baten kronikari Itzultzaileak: Juan Luiz Zabala Unai Begiristain booktegi.eus Atsoak hor jarraitzen du Harria eta herria, aldaka eta gerria: gezur-haragizkoa da andrearen aberria. Errekastoen marmarra: alarguna, neskazaharra… ez zaude salbu (e)ta, halere, nork moztu dizu bizarra? Bezaturiko otsoa, ate aurrean atsoa, uluak ito dituen basapiztia mantsoa. Usoak sarean usu, askatasuna, ze luxu! Zuk zaintzen duzu etxea? Etxeak zaintzen zaitu zu? Ibarretako gandua, zapian pentsamendua; distira eginagatik itzalpera bakandua. Euri-laino deseginak buruko adats urdinak, derrigor idortu ditu aske eraman ezinak. Txori beltzen pausatoki: zimurturiko bekoki, ez duzu ezer esaten, gehienera, iradoki. Zula ta zula okilak, begiak, kanika hilak... Behinola leihoak ziren, orain, leihoen fosilak. Neguan mutu txepetxa, eztarrian zulo beltza... Izua jan duenari amildegi zaio ertza. Ihiak urak etzanda, okotzak ia eztanda... Eskuaz igurtzi duzun instante hortan izan da. Mendizerran dena malda, eroririko sorbalda… Etxeko teilatuaren pisuarengatik al da? Zaurituriko orkatza, lepo-zapian orratza atarira mugatzen da historiaren lorratza. Zorupeko ur xirripa, zapipean bi birika, Hartzen duten arnasaren erdia bota ezinta. Sutarako gaztainondo erpinduriko ukondo... Argazkirako ez bazen ez ziren geldi egongo. Arrastiriko beltzuri, besaurrerik ezin mugi: atearen maratilak lotzen duela dirudi. Aihen landare estuak, gerrian tinko eskuak… “Hemen nago” esan nahiak, eta ezin sinestuak… Isil-misilka satorra, gona, zapia, atorra... elkartzen diren puntua: historiaren zilborra. Baso itxian hostotsa, Amantal azpian, hotza… Geldirik egon ezina eta mugitzeko lotsa. Hortzik gabeko zakurra: ezpain ertzean adurra. Gonapean biak daude: desira eta beldurra. Kuku-arrautzak kabitan... Musuzapia patrikan nork jartzen ditu malkoak besteren bihotz-begitan? Tximeleta gris berezi, beharturiko mimesi… Ia gona ta atea ezin baitira bereizi. Harizti zaharreko sute, abarketako larrupe... Ez ziren kabitzen ala oinak moztu dizkizute? Dena txarrantxadun hesi… Baina ez al du merezi? altxa gonak eta zoaz erretratutik ihesi! Gaua zuloen ukendu begi itxiak mantendu… Esnatu naizen unean atsoak hor jarraitzen du. Azkenetan den mundu baten kronikari Mariasun Monzon 7K Aldizkarian argitaratutako artikulua. Egileari eta argitaratzaileei eskerrak eman nahi dizkiegu hemen plazaratzeko baimena emateagatik. Itzultzaileak: Juan Luiz Zabala eta Unai Begiristain Euskal Herriko lehen emakume argazkilaritzat hartu izan dute Eulalia Abaitua. Ehunka erretratu egin zituen XIX. mendeko azken hamarkadetan eta XX. mendeko lehendabizikoetan. Bere ustean onenak emanda zegoen mundu bati atera zizkion argazkiak; gizon-emakume anonimoak betikotu zituen, enkoadratzearen arauak hautsi eta argazkilaritza-industriaren azken berrikuntzen aldeko apustua egin zuen. Eulalia Abaitua (1853-1943) erabat ezezaguna zen 1990era arte. Urte hartan, Bilboko Euskal Museoak egindako erakusketa batean euskal ondarearen galdutako altxorretako bat eman zuten argitara. «Gure aurreko andrak» izeneko erakusketa hartan, XIX. mendearen erdialdean jaiotako emakume bilbotar honen lanaren zati bat erakutsi zuten. Inguruko landa- eta hiri-giroaren argazkiak egin zituen Abaituak, eta, Alberto Shommer argazkilariaren hitzetan, «egun [1990] Magnum agentziako argazkilari bikaina» izango litzateke. Desagertzeko zorian zen mundu bat betikotu zuen, bere begi aztiarekin bide egin eta eguneroko bizimoduko pertsonen argazkiak egin zituen, eguneroko jardunetan edo aisialdiaz gozatzen ari zirela. Tentu handiz aukeratu zituen argazkietako gaiak, pertsona umilak, ukiturik batere gabe. Gaur, Euskal Herriko lehendabiziko emakume argazkilaritzat daukagu. Eulalia Abaituaren artxiboak Bilboko Euskal Museoaren esku utzi zituzten haren ondorengoek. Hainbat entrega egin zituzten: lehendabizikoa 1986an, argazkilaria hil eta 43 urtera. Maite Jiménez Ochoa de Aldak, museoko teknikariak eta La fotógrafa Eulalia Abaitua liburuaren egileak, eskerrak ematen ditu Abaituaren sendiak bazekielako «zer nolako balioa» zuten argazki haiek, gerrate bat eta hainbat joan-etorri gainditu zituzten argazkiz betetako kaxa haiek. «Askotan zera galdetzen diot neure buruari, nola lortu ote duten gure egunetara arte irautea. Izan ere, gerra bat igaro dute, eta gerra-garaian zer eramango genuke aldean?», hausnartzen du. Artxibo horiek ez zeukaten paperezko irudirik, baizik eta kristal negatiboak, beirak, plakak... Eta guztiak ere gorde beharreko objektu garrantzitsutzat jo zituzten 1936an gerra hasi zen garaian. Artxibo horiek etxez etxe batetik bestera egindako bideak eta egilearen beraren heriotza gainditu izanak zera erakusten du, Jiménezen ustean, «inolako zalantzarik gabe sekulako maitasuna» ziotela ondare hari, eta ondorengoek ere ederki zekitela «zer nolako altxorra» zuten esku artean. Bilbo-Liverpool-Bilbo. Eulalia Abaitua Allende-Salazar 1853an jaio zen Bilboko Zazpi Kaleetan, familia burges batean. Aitaren aldeko aitona Salesia eta Asunción korbeten armadore izan zen, Erripan eraikiak 1856an; amaren aldeko aitona, berriz, gernikarra, Bizkaiko ahaldun nagusi izan zen, eta, ondoren, foru-auzietarako kontsulta-batzordeko kide. Aita, berriz, «zaldun, ondasun-jabe eta merkatari» gisa ageri da erregistro guztietan. Eulalia gaztea, bere neba bezala, inude batek hazi zuen, ama Eulalia jaio eta hilabetera hil baitzen; Bartzelonako ikastetxe batean ikasi zuen, Jesusen Bihotzaren kongregazioak garai hartan zuen bakarrean, eta 1871n Liverpool aldera joan zen bizitzera, sendiarekin batera. Handik gutxira, hemeretzi urte zituela, Juan Narciso Olano ingeniari zibilarekin ezkondu zen, abaituatarrengandik oso gertuko gizona. XIX. mendeko 70eko hamarkadan, argazkigintza pil-pilean zegoen Ingalaterran. Hamarraldi horrexetan eta Liverpoolen, hain justu, hasi ziren fabrikatzen gelatino-bromurozko lehendabiziko xaflak. Ordurako, David Brewster jaunak Edinburgon egindako ikerketek eta Jules Duboscq frantsesak Parisen egindakoek kamera esteroskopikoak edo 3D kamerak sortzeko bidea eginda zeukaten, baita haietatik sortutako argazkiak ikusteko aparailuak ere. Eta testuinguru horretantxe izan zuen Eulalia Abaitua gazteak lehendabiziko harremana bere pasio bilakatuko zen harekin; argazkigintzarekin, alegia. Garai hartako dama hura, gizon sonatu baten emaztea, ama, sinestuna... gizartearen maila gorenean zegoen emakume hura argazkigintzara zerk bultzatu ote zuen bila hastea, inondik ere, espekulazioan erortzea da, ez baitago auzi horri buruzko inolako lekukotza idatzirik. Maite Jiménezen aburuz, Liverpoolen emandako urteak erabakigarriak izan ziren, eta, ziurrenik, Julia Margaret Cameron-en eragina izan zuen; egile haren obrak maiz erakusten ziren egun British Museum den gunean, garai hartan argazkigintzan buru-belarri jardun baitzuen zentro hark. «Eulalia Abaituak txiki-txikitatik ikusi zuen argazkigintza zer zen, haren erretratu asko baitauzkagu gordeta sei, zortzi, hamalau... urterekin. Argazkigintza pil-pilean zen urteetan bizi izan zen Ingalaterran. Baina, horrez gain –adierazten du Euskal Museoko teknikariak–, zerbaitek irten behar zion barru-barrutik, “neuk ere egin dezaket” esateko». «Julia Margaret Cameronen obrak eragin ziola bururatzen zait niri, besterik ez», amaitzen du, gogorarazita hipotesi hutsa baino ez dela. Euskal Herrira bueltan, 1878 aldera, Olano-Abaitua senar-emazteak Begoñako elizatean instalatu ziren –Begoñak ondoren Bilborekin bat egin zuen 1925ean–. Hantxe altxatu zuten euren bizitokia, Pino jauregia izenez ezagutzen den estilo ingeleseko jauregia; garai hartako Bilboko eta Bizkaiko pertsonaiarik garrantzitsuenak igaro ziren etxe hartatik. Begoñako basilikaren inguruan egoteak, halaber, erreferentzia-gune bilakatzen zuen goi-mailako erlijio-agintarien begietarako ere; hala erakusten dute Abaituak berak Begoñako Andre Mariaren koroatze egunean, 1900 inguruan, hartutako argazkiek (haietako batean, Aita Santuak bidalitako ordezkaria ikus daiteke, euren etxeko egongelan). Era berean, Pino jauregian bertan egin zituen bere bizitza pribatuari buruzko erretratu gehienak ere. Argazki intimistak dira, eta senarra, alabak eta bilobak dituzte protagonista. Familia-intimitateko argazki ugariren barruan agertzen dira, era berean, etxeko langileak (inudeak, umezainak, dontzeilak, lorezainak, sukaldariak...) eta bere neba Felipe eta koinata Ana –alboko etxean bizi zirenak, Olano-Abaitua sendiaren tankera bereko beste jauregi batean–. «Eulaliak eduki hori jorratu zuen, hainbat hartualdi eginda, barrukoak zein kanpokoak, etxeko fatxada hondo gisa hartuta, terrazako bankuetan eta mahaietan, baita belardietan ere. Guztietan, egun-argia du aliatu eta konplize», azaltzen du Maite Jiménezek Abaituaren liburu biografikoan. Erretratuak, enkoadratze desberdina. Eulalia Abaituaren obrak bere eguneroko bizitzaren barrualdea erakusten digu, baina ez hori bakarrik, baita Bilboko hiri-bizitzaren eta Bizkaia barrualdeko landa-giroaren arteko aldea ere. Horrez gain, kaleko erreportari-lanak ez ezik, plano erdiko argazki «delikatuago» hori ere jorratzen du. «Kalitate handia ageri da haren obran, nahiz eta, pentsatzekoa den moduan, alde handia dagoen erreportari gisako argazkietan eta gainerakoetan», adierazi du Maite Jiménezek, zeinak haren lana lau atal handitan sailkatu baitu: familiako bizitza pribatua, landako eta hiriko mundua, bidaiak eta erretratuak. Bilboko Euskal Museoak orain artean egin dituen sei erakusketetan –hilaren 28an inauguratuko du zazpigarrena– garbi geratu da argazkilari honek pertsonekiko duen interesa. Abaituaren argazki-kamerak hiriko arkitektura edo paisaia jaso bazituen ere, haren egiazko leitmotiva toki haietan bizi ziren pertsonak izan ziren. Eta, agertoki horretan, erretratuak dira haren nortasun-zigilu, planteatzeko zuen modu berezi eta partikularragatik. «Garai hartako erretratugintzako profesionalek gehiegitxo eszenaratzen eta gainkargatzen zituzten, eta haien aldean, Eulalia Abaituaren lanak inguruan duen mundua artifiziorik gabe ikusteko garbitasuna transmititzen du, beti giza elementua protagonista dela (...). Aurrez zehaztutako arau formalik gabeko enkoadratzeko modua ikus dezakegu», idatzi zuen Patxi Cobok «Iraganeko begiradak» erakusketaren katalogoan (Bilboko Euskal Museoa, 1998). Baserritarrak, erromesak, beren produktuak saltzeko edo trukatzeko Pino jauregitik pasatzen ziren Santutxun kanpatutako ijitoak; emakumeak, emakume asko, bere etxeko atearen aurrean, jantzirik onenekin, belaunaldi bat baino gehiago argazki bakarrean, zaharrak, gazteak, bakarrik zein bikotean, aurrez aurre, albotik... Kanpoan egindako argazkiak dira, baina estudio batean eginak ere izan zitezkeenak, «zuk pertsona bat argazkia egiteko objektu gisa ikusi eta haren atzean, distrakzio oro saihesteko, oihal bat jartzen duzun unetik, zuk argazkian jaso nahi duzunari, pertsona horri, aurpegi horri, soslai horri, zapi horri, belarriari, dominari... buruzko zerbait zorrotza egiten ari baitzara. Nabarmendu, atzealdea uzten badiozu arreta galaraziko dizulako», Maite Jiménezek dioen bezala. «Batzuetan oihalik gabe bidaiatzen zuen –gehitzen du– eta orduan ere ikusten da distortsiorik ez egoteko ahalegina, bere nahiaren objektua, pertsona, benetan den bezala agertzeko ahalegina». Argazkiko pertsonaren atzealdean pareta ahalik eta neutroena ageri den argazki askotan begien bistakoa da ohartarazpen horrek dioena. Bere garaiko erreportaria. «Emakume honek ez du arteagatiko artea bilatzen, ezta argi-jokoa eta konposizio korapilatsuak ere, benetako erreportaria da», idatzi zuen Alberto Schommerrek «Gure aurreko andrak» erakusketako katalogoan. Bilboko espazio urbanoak, Itsasadarraren bazterreko herriak, Armentia bailara, Begoñako elizatea, Lekeitio, Ondarroa, Txatxarramendi, Bermeo, Mundaka... Edozein agertoki edo pose interesgarri zitzaion giroa atzemateko. Begoñako elizatean, bizilagunak eta une bakoitzeko gertakariak izan ziren haren «objektu mimatuak»; azken muturreraino inplikatu zen erreportari grafiko gisa eta atsedenik hartu gabe erretratatu zuen bere inguran gertatzen zen guztia: ospakizun zibil zein erlijiosoak, ganadu-feriak, dantzak, bazkariak, iturrietako ura, bideetako ibiliak, ezteiak, prozesioak, erromesak eta (nola ez ba!) eguneroko bizitza. Horixe zuen inguru gertukoena eta ezagutzen zuen inguru horretako jendea; Tomasa eta Brígida, txokolatea boladuarekin ematen zutenak la Novenaren etxean; pontxegilea, postua santutegiaren sarreran jartzen zuena; Rosario Arabiourrutia latsaria, Boni baserrikoa; Bernabé de Garamendi eskultorea, batzuetan solaskide izaten zuena; Matxarratia txakolindegikoak; Basilikako apaizak... Baina Begoña «bere objektu mimatua» baldin bazen, Itsasadarra «oso barruan zeraman zerbait» zen. Itsasadarra eta itsasontziak, garraioaren eta merkantzien mugimendua, bainulariak, itsasoko prozesioak, estropadak, itsasontzien eraikuntza eta uretaratzeak, arrantzaleak eta itsasontziak portura iristen, sardina-saltzaileak, Zubi Esekia, Labe Garaiak... Bilbon, Sestaon, Portugaleten, Santurtzin, Areetan edo Algortan egindako argazkiak, «aurpegiak, lekuak eta gertakariak deuseztatuz, atzera begiratu eta bizitza errepasatzeko aukera ematen digutenak», Jiménezek dioenez. Hala ere, absentzia bat dago Itsasadarraren argazki horretan. Siderurgiako langileria falta da. Eulalia Abaituak Labe Garaien argazkiak egiten ditu, bai, baina bestaldetik, Ibaiaren Eskuinaldetik; ez da fabrikan sartzen, 1900. urtean argazkilari batzuk sartu zirela egiaztatuta dagon arren. Zergatik?, galdetzen du bere artean Maite Jiménezek. «Ez dakigu», erantzuten dio bere buruari. «Nekazaritzaren beste mundu horretan sartzen da, batez ere amaitzen ikusten duen baserriaren munduan. Nik uste dut bera jabetuta dagoela mundu hori amaitzen ari dela, datorrena bestea baita, hain zuzen ere berak argazkirik egiten ez diona, industria, langile-mugimendua. Eta jabetzen da badela baserrietako jendea joaten ari dena, baserriak uzten ari dena fabrikara joateko...». Emakumeak, protagonista handiak. Eulalia Abaitua ez da emakumeen argazkilaria. Haren kamerak jendearen bizitza jaso zuen, emakumeena zein gizonena. Arreta ematen du, hala ere, zenbat argazkitan emakumeek duten protagonismoak. Erretratuetan emakumeen presentzia hori nabarmena baldin bada, lan mundura hurbiltzen denean ezaugarri horri eusten dio. Ez du axola taldean egoteak; baserrian txorizoak egiten, lurra lantzen, idiekin; portuan, itsasontzien zain, Bilboko Erriberako merkatuan... Beti daude lehen planoan, presentzia hartzen dute, are gizonekin batera daudeneko lan mundu horretan ere. Emakumeak lanean, etxekoa sustatzen edo soldatapean, hirian, itsasertzean edo landan. Sukaldean lan egin, irun, garbitu, josi, itsasontziak deskargatu, merkantziakoak zein arrantzakoak; ikatza kargatu, sareak konpondu, laiatu, segan egin..., eguneroko esfortzu gogorraz mintzo zaizkigun ezin konta ahala zeregin, batzuetan hala ere irriak marrazten direla. Posatzen ari ez diren irudi ugariek erakusten dute hori; hala ere, burua altxatu eta argazkilariari irribarre egiten diote. Arantza Parejak eta Karmele Zarragak, Profesiones, oficios y tareas de las mujeres en Bizkaia (2006) argitalpenean, Eulalia Abaitua «aitzindaritzat» jotzen dute arlo horretan, «zorroztasunez jasotzen baitu euskal emakumearen lan-mundua». Testuinguru horretan, Maite Jiménezek nabarmentzen du, gainera, enpatia, konplizitatea eta argazkilariaren eta haren kamerak enfokatzen dituen emakumeen arteko elkar aditzea. «Argazki horiek ezer baldin badute komunean, generoaz gain, hori da argazkilariaren eta argazkian agertzen direnen artean arnasten den samurtasuna, enpatia eta komunikazioa», irakurtzen da Jiménezen liburuan. «Kasu batzuetan, ikusten da unea atzematen duela, baina beste batzuetan esaten die: “gelditu une batez, mesedez”. Eta horixe egiten dute», gehitzen du. Abaituaren «A» hizkiarekin. Abaitua Artxiboa, gaur egun Bilboko Euskal Museoaren zaintzapean, 2.500 baino gehiago beirazko plakak osatzen du, zuri-beltzeko estereoskopikoak gehienak; eta, Maite Jiménezen arabera, haren lanaren funts nagusia 1895 eta 1910 artekoa da. «Garai horretan egin zuen lan plaka estereoskopikoekin. Beste formatu batzuetako lanak ere baditu, baina ez dut uste haren lanaren adierazgarri direnik. Ez dira Abaitua», dio. Hala ere, euskal museoko teknikariak Abaituak egindako koloretako 25 edo 30 plaka nabarmentzen ditu, justu Lumière anaiek koloretako argazkia sortu zuten garaian eginak, XX. mendearen hasieran. «Badirudi jakin-min handiko emakumea zela; argazkigintzaren munduan gertatzen zenarekin kontaktuan zegoen, berrikuntzekin, mundu horretan pil-pilean zen guztiarekin». Museoak hilaren 18an inauguratuko duen erakusketak Eulalia Abaituaren lan estereoskopioan sakontzen du, hain zuzen ere. «Estereoskopiak 16 + 16», zazpigarrena 1990eko «Gure aurreko andrak» hartaz geroztik, ohiko formatuak hausten dituen erakusketa da: 3Drako betaurrekoekin ikusi beharko da, eta gainera entzun ere bai. Hiru dimentsiotan egindako hamasei argazki biltzen ditu erakusketak, formatu anaglifokoak, horietako bakoitza euskal idazle emakumezko banak komentatua. Iragan bisuala ahozko orainarekin batzen duen erakusketa. Argazkilari profesionala ez izan arren, pentsaezina baitzen hori haren garaiko Bilboko gizartean, Eulaliak sinatu egin zuen bere argazkilari lana. Eta abizenaren hasierako «A» hizkiarekin sinatu zuen, ez «Olano andre» gisa, ofizialki agertzen zen bezala. Ezustea berriro ere, eta berriro ere erantzunik gabeko galderak. «Akaso –iradokitzen du Maite Jiménezek–, “A” hori Ingalaterran bizi izan zen urteetan mugimendu sufragistaren oihartzunak sentitu zituen eta, garaiko gizarte-arauak onartu arren, argazkigintzaren eta sinadura pertsonalaren bidez zerbait gehiago –egokitu zitzaion garaia gaindituko zuen ezabatu ezinezko arrastoa uztea beharbada– bilatzen zuen emakume baten suspertze fina da».
Waldo Jeffers bere mugaraino iritsita zegoen. Abuztuaren erdialdea zuan eta horrekin, Marsha gabe, bi hilabete baino gehiago zeramazkian. Bi hilabete, eta askotan irakurri zitean hiru gutun eta bi distantzia-handiko deiak baino ez zuan ikusgai. Egia zen ikasturtea bukatu zenean, Marsha Wisconsinera itzuli eta Waldo Pennsylvaniako Locustera, neskak gutxi gorabehera leiala izango zitzaiola zin egin zuela. Noizean behin mutil batzuekin geratuko zuan, baina ondo pasatzeko, besterik gabe. Fidela izango zitzaioan. Baina, azken aldian, Waldo kezkatzen hasita zegoen. Kostata lokartzen zuan gauez eta, loak hartzen zuenean, amets gaiztoak izaten zitean. Gauean esna geratzen zuan ohean, bira-biraka ohegaineko edredoi tolestuaren azpian, malkoak gainezka Marsha irudikatuz, promes sakratuak edariz eta neandertal baten laztan balakariz gaindituta, azkenean ahanzte sexualaren azken fereketan makurtuta. Gizaki baten buruak ezin zian hainbeste jasan. Marsharen desleialtasuna irudikatuz bizi zuan. Egunean zehar gehiegikeria sexualen ameskeriak buruan sartzen zitzaizkioan. Eta kontua zuan mutil haiek ez zitean Marsha ondo ulertuko. Waldok, Waldok bakarrik ulertzen zian. Senak lagunduta, Marsharen psikearen bazter eta zirrikitu guztiak harrapatu zitian. Barre eragin egiten zioan. Marshak Waldo behar zian, baina ez zegoan haren ondoan. Ideia inauteriak hasi baino lehenagoko ostegunean bururatu zitzaioan. Edelsontarren belardia moztu ondoren –dolar bat eta berrogeita hamar zentimo kobratuz– postontzian begiratu zian, ea Marshak gutun labur bat, behintzat, bidali ote zioan. Amalgamated Aluminum Company of Americaren iragarkia izan ezik –ea eguzki-oihalen bat behar zian galdetuz– ez zegoen beste ezer. Haiek, behintzat, harengan arduratzen zituan. Enpresa New Yorkekoa zuan. Postaz, edozein lekutara joan zukean. Eta orduan ideia kolpeka otu zitzaioan. Ez zuan Wisconsinera modu ohikoan joateko adin dirurik, egia, baina zergatik ez postaz joan? Hain zuan erraza non barregarria baitzen. Pakete batean egingo zian bidaia, banaketa bereziaz. Hurrengo egunean Waldo supermerkatura joan zuan behar zian tresneria erostera. Zinta amerikanoa, grapagailu bat eta neurri ertaineko kutxa kartoizko bat, bere tamainakoa, erosi zitian. Erabaki zian gutxieneko mugimendua jasoz gero gustura samar ibiliko zela. Aire-zulo batzuk, ur pixka bat, beharbada ahamen batzuk eta, ziur aski, turista bat bezala joatea bezain atsegina izango zuan. Ostiral arratsalderako, Waldo prest zegoen. Kutxan sartuta zegoen eta postetxekoek hiruretan haren bila joango zirela hitza eman zioten. Paketearen kanpoaldean “Hauskorra” idatzi izan zian eta, barruan eta kiribilduta, ondo pentsatuta jarri zian goma-aparrezko enbalajearen gainean, saiatu zuan Marsharen aurpegia irudikatzen atea irekitzen zuela, miresmenez eta pozaz gainezka: paketea ikusiko zian, banatzaileari eskupekoa emango zioan, irekiko zian eta, azkenean, bere Waldo ikusiko zian hor. Musu bat emango zioan eta gero, beharbada, pelikula bat ikusiko zitean. Zergatik ez zian ideia hau lehenago izan? Bat-batean esku zakarrek paketea hartu zitian eta Waldok gora zihoala sentitu zian. Kolpe batekin lurreratu zuan eta kamioia abiatu zuan. Marsha Bronsonek ilea apaintzen bukatu berri zian. Oso asteburu gogorra izan zuan. Gogoratu behar zian horrela ez edaten. Baina Billek ez zioan ezer gaitzetsi. Dena amaitu ondoren oraindik errespetatzen zuela esan zioan eta, azken batean, izadiko kontu bat zuan eta, eta maite ez izan arren, txera bazion. Eta, azken batean, helduak zituan biak. A, Billek Waldori irakats ziezaiokeena… baina hori guztia duela urte asko geratu zela iruditzen zitzaioan. Sheila Klein, Marsharen lagun minik minena, arkupeko holtz -atetik sartu zuan sukaldean. “Ai, ama, hori sargoria kanpoan.” “Ba, bazekinat esan nahi dunana, lirdinga nagon, oso!” Marshak setazko ertzak zitian kotoizko bainu-txabusinaren gerrikoa estutu zian. Sheilak hatzarekin sukaldeko mahai gainean zeuden gatz ale batzuk hartu zitian, mihira eraman eta keinu bat egin. “Gatz pilula hauek hartzeko esan zidatean, baina,” eta sudurraren keinu bat egin zian, “baina txahala botatzeko gogoa ematen zidatean.” Marsha kokospe kolpe txikiak ematen hasi zuan, telebistan soinketa ikusi zian. “Jainko maitea, hori ezta aipatu ere.” Mahaitik altxatu zuan, harraskara joan eta hor botila bat bitamina arrosa eta urdinez beteta hartu zitian. “Nahi al dun? Xerra baino hobe direla esaten diten,” eta, orduan, saiatu zuan belaunak ukitzen. “Ez dinat uste daikiririk berriro edango dudanik.” Ahaleginari utzi zioan eta telefonoa gainean zegoen mahaitik gertuago eseri zuan. “Beharbada Billek deituko din,” Sheilaren begiradari erantzuna eman zioan. Sheilak kutikula bat hozkatu zian. “Atzo ondoren, uste ninan ez huela berriro ikusiko.” “Bazekinat esan nahi duana. Jainko maitea, olagarro bat bezala ibili zunan! Eskuak leku guztietan.” Keinuak egin zitian, eskuak altxatuz bere burua babesteko. “Kontua dun, pixka bat beranduago, borroka egiteaz nekatzen haizela eta, badakin, ostiralean eta larunbatean ez ninan gauza handirik egin, beraz, nolabait, zorretan nengonan harekin. Ulertzen didan?” Hazka hasi zuan. Sheilak ahoa eskuarekin estali zian, barrezka. “Bada, egia esan, nik ere, une bat pasatu ondoren,” eta orduan aurrera makurtu eta isil-gordeka esan zioan: “nik ere egin nahi ninan!” Ordurako ozenki ibili zuan barrezka. Eta istant horretan Clarence Darrowko Postetxeko Jameson jaunak egurrezko etxe handiaren txirrina jo zian eta, Marsha Bronsonek atea ireki zuenean, lagundu zioan paketea sartzen. Marshak paper zatitxo horiak eta berdeak sinatu zizkioan eta egongelan zeuden amaren diru-zorrotik atera zitian hamabost zentimo eman zizkioan eskupeko. “Zer izango dun, zer uste dun?” Sheilak galdetu zioan. Marsha besoak atzean zitian antxumatuta. Egongelaren erdian zegoen kartoizko kutxa marroia tinko begiratu zian. “Ba, etzekinat.” Paketearen barruan, Waldo, ahots motelduak entzunez eta zirraraz hunkituta, dar-dar egin zuan. Sheilak azazkala kutxaren erdian zegoen zinta amerikanoaz pasatu zian. “Zergatik ez dun igorlea begiratzen, ea nork bidali duen?” Waldok bere bihotzaren taupadak entzuten zitian. Oinkaden bibrazioa sentitzen zian. Laster izango zuan. Marsha kutxa inguratu zuan eta tintaz trakets jarri zegoen etiketa irakurri. “Ai, ama, Waldorengandik zetorren!” “Babu hori!” Sheilak esan zioan. Waldok, ilusioz jota, dar-dar egin zian. “Beno, berdin zain irekitzea,” Sheilak esan zioan. Biak saiatu zituan hegal grapaduna altxatzen. “A, arraio,” Marshak esan zian, kexuka, “iltzeekin itxi din.” Hegaletik berriro tiratu ziaten. “Jainko maitea, hau irekitzeko zulagailu elektriko bat beharko dinagu!” Berriro tiratu egin ziaten. “Ezin zionagu heldu.” Geldirik geratu zituan, arnasestuka. “Guraizeak ekarriko ditun?” Sheilak esan zian. Marsha sukaldera korrika joan zuan, baina josketa egiteko guraizeak baino ez zian aurkitu. Eta orduan gogoratu zian aitak tresneria sotoan zuela. Behera joan zuan azkar eta, itzuli zenean, labana industrial handi bat zian eskuan. “Aurkitu dudan hobea hau dun.” Arnasestuka zegoen, oso. “Tori, hik egin: hiltzear nagon.” Peluxezko sofa handi baten gainean murgildu zuan eta arnasa bota zian ozenki. Sheila saiatu zuan zirrikitu bat zinta amerikanoaren eta kartoizko hegalaren artean egiten, baina labanaren ahoa handiegia zian eta ez zegoen egiterik. “Pikutara joan dadila gauza hau!” esan zian, erabat amorratuta. Orduan, irri-barre batekin: “Badinat ideia bat.” “Zer?” Marshak galdetu zioan. “Begiratu,” Sheilak erantzun zioan, hatz bat kopeta altxatuz. Paketearen barruan, Waldo hain zegoen paralizatuta non ia ezin baitzuen arnasa hartu. Larruan azkura zian beroagatik, eta bihotzaren taupadak eztarrian sentitzen zitian. Laster izango zuan. Sheila tente jarri zian, erabat, eta paketearen beste aldera joan zuan. Orduan belaunikatu egin zuan, labanaren bi heldulekuei eutsi zien, arnasa sakona hartu zian, eta xafla luzea paketearen erditik pasatu zian, zinta amerikanoa zeharkatuz, kartoia zeharkatuz, enbalajea zeharkatuz eta –txlof!– Waldo Jeffersen burua zeharkatuz, zein apurtu zuan pixka bat eta arku erritmiko gorri txikiak leunki dardarazi egin zitian goizeko eguzkipean.
Gauean berandu arte ibili da margotzen. Koadroari begira geratu zaio, gorputza ezkerretara okertu eta ezpainak batera eta bestera mugituz. Gogoko duela uste du, edo badirudi nahiko gustura geratu dela egindakoarekin. Ekinaldi bakarrean egin du; azkenaldian, halaxe egiten ditu lanak, lehen saialdian. Ez die koadroei behinolako denbora eta pazientzia eskaintzen, konbentzitua baitago hobeto ateratzen zaizkiola eginbeharrak bat-batean, motzean eta gordin-gordin, eta jira eta bira ibiltzeak emaitza eskastu baino ez duela egiten. Margoak gorde eta gela atontzeari ekin dio, erritualen izaeratik gertuko pauso ordenatuetan. Margo eta pintzel bakoitza bere lekuan utzi eta lohi guztia garbitzeaz arduratu da, banan-banan eta tentu handiz, edozeini obsesibo begitandu lekiokeen eran. Lorazepam pilula zatitu eta laurdena irentsi du, kafesnearekin batera. Goizetan, laurdena, eta erdia, gauetan. Dutxatu berritan ematen duen calvinkleinak pilularen zaporearekin egin du bat sudur eta ahosabaian. Ural 13 Diktators-en zuzeneko bat ari zaio burmuineko zoko galdueneko arrakalak zulatzen; nonbaiteko leku gorde hori, adi egotetik arreta galtzerako jauzia egiten denekoa. El Diario Vasco egunkariaren edizio digitalean sartu, eskelari erreparatu eta miradorera ihes egin dio gogoak. Astelehen goiza da, beste hainbatetan legez, edo halaxe gogoratzen du berak; finean, nork bere pusketa hauskorrez osaturiko bizipenez baino ez gara ari. Gaztaroak eskatzen duen epika bizitzeko beste modu bat izan zen hura, besteak bezain lirikoa, besteak bezain heroikoa, besteak bezain patetikoa, besteak bezain huts eta ekibokatua; nork bere belaunaldiari zor diona. Hiru kotxe elkartu dira miradorean, goizeko zazpietan. Robert Hood-en Minus errepikakor eta sarkorra ari zaio garunean aldizka bizkortzen diren bazterrak durundatzen. Neska gaztea gerturatu zaio. Eskutik heldu, muxu txiki bat eman eta esan dio: “Zuk, zer, ez duzu inoiz ezer esango?”. Kafeari azken hurrupak, zigarroa piztu, sofan jesarri eta Aitor Etxebarriaren In abestian eta gogorapenetan galdua jarraitzen du. Monika eta Joanarekin ikasi zuen bazela, modan zegoen musika progresiboaz gain, bestelakorik, askoz ganberro eta undergroundagoa; haiekin hasi zen bidegain hartan ostendurik zegoen diskoteka hartako txill-auta ezagutu eta komertzialagoa zen beste hura alde batera uzten, edo halako ustea zuten, behintzat, moderno ustekoek. Huraxe izan zen hirurek elkarrekin pasatu zuten azkeneko eguna; goizak gauari eta gauak goizari, egun-errenkada amaigabeetan, batak besteari beretik urratzen ziotenekoa. Irailak lau zituen, astelehena. Astebetegarrenera, lehergailu batek eztanda egin eta kolore argiz eta zenbaitetan —agian gehiegitxotan— ilunez beteriko gaztaroa desagertuz joan zen. Gazteen dibertitzeko maneraz kezka handiegia zuten zenbaitek, hurkoaz guzti-guztia jakin, dena kontrolatu eta dena akabatu eta hiltzen bukatzen dutenek izan ohi duten kezka. Zapatilak jantzi, etxeko giltzak hartu eta kalera jo du. Markesinan, autobusaren zain dagoela, zigarroa piztu eta bi andrazkoren elkarrizketan sartu du muturra. Haietako bat kontatzen ari da berak inoiz ikusiriko elurtzarik handiena maiatzean egin zuela, orain aspaldi. Eta inoiz ez dela fidatu behar, ze, nahiz eta maiatzarenak aspalditxo egin eta uda amaieran egon, sorpresa ezatseginen bat edozein unetan hel daiteke. Zigarroari azken zupada eman eta “Anbulatorioa” irakurri du urrunetik gerturatzen ari den autobusean. Leihotik begira jarri, aurikularrak jantzi eta Psyche-ren Goodbye Horses (21st Century Immortality Mix) aukeratu du erreprodukzio-zerrendatik. Eskelari begiratu dio berriz, “Monika Andres Etxezarreta, 42 urte”. Argazkia duela gutxikoa da. Eder begitandu zaio, emakumeago, eta ilea askoz luzeagoa du; ez du inoiz argazkian agertzen den moduan ikusi. Halere, urte asko pasatu dira azkenekoz elkar ikusi zutenetik. Azken hogei urteotan, gero eta gutxiagotan ikusi ditu, apurka-apurka galduz joaten diren harremanekin gertatzen den legez. Autobusetik jaitsi eta anbulatorioaren sarrerako hormari erreparatu dio. “Euskal Presoak Euskal Herrira” dioen pintada handi batek lohitzen du horma. Udaleko langileak diruditenak, bekozko iluna jarrita, hura garbitu nahian dabiltza. Lehen pisura igo eta itxarongelara abiatu da. Hamabietan du hitzordua, eta jotzear daude. Aulkian jesartzeko ia astirik gabe, izena entzundakoan, kontsulta barruan sartu da. Eskuarekin aulkian jartzeko keinua egin dio medikuak. Betaurreko berriak ditu. Atentzioa eman diote, egurrezkoak dira. Beronek ere baditu antzekoak, baina eguzkitakoak; halere, bitxi eta originalak iruditu zaizkio. Ilea ere aldatua du, laburxeagoa eta gominaz tente jarria. Ez dio inoiz adinaz galdegin, baina uste du hura ere berrogeien bueltan ibiliko dela. Presa handirik gabe, pazientearen txostena ireki du ordenagailuan. —Drogarik kontsumitu duzu azken bi asteotan? —Bai, baina ez askorik. —Denbora gutxi daramazu nirekin, baina uste dut patologia duala garatzetik oso gertu zaudela, eta gaixo dualek ez dute drogarik hartu behar. Bospasei aldiz izan zara nire kontsultan, eta beti erantzun berbera ematen didazu. Arretak leihora egin dio ihes. Konturatu da ahurrak izerditan dituela. Goi-goian dago eguzkia, eta begiak itxi egin behar izan ditu kristaleko izpien islaren bortitzaz. —Tratamendua behar bezala jarraitzen ez baduzu, “ate-birakarietako paziente” bihurtu eta sartu-irtenean ibiliko zara, orain nirean, gero beste espezialista batenean. Gainera, nahasmendua areagotuko balitz, bestelako botikak hartzen hasi beharko zenuke. Ernegatu egin da, ahurretako izerdia areagotu zaio. Ikaratu egiten du "bestelako botikak" hartu behar izateak. —Ondo moldatzen naiz lorazepam hartuta. —Ezin dizut neurririk gabe eman lorazepam. Imajina dezaket speed-a hartzen duzula, beti legez, ezta? —Bai. —Gutxi bada hartzen duzuna, zergatik ez duzu drogen kontsumoa alde batera uzten? ‒Inoiz drogarik hartu ez duenaren diskurtsoa izaten du, guztiz akademikoa. Ez du ulertzen zergatik hartzen dituen drogak, hutsune edo gabeziak baino ez ditu ikusi nahi izaten. Loaz eta higieneaz ere galdegin dio. Horren ondotik, bizitzaren zutabeak marraztu dizkio folio batean, “familia, lagunak eta harremanak”. Haietaz berbetan ibili dira, eta oharrak hartu ditu medikuak. Azkenerako utzi du, beti bezala, zutabe nagusiena, “norberarena”. —Eta zu, zelan zaude? —Ondo… ‒Monikaren heriotzarena aipatzeko zorian egon da, baina nahiago izan du beretzat gorde. —Zuk, gaitzaz gain, baduzu hutsune handi bat... zeuk ere badakizu. Zulo horretan geratuz gero, ez duzu ezer onik aterako. Azkenaldian sexu harremanik izan duen galdegin dio. Ezetz erantzun dio buruaz mutilak, baina kontatu dio masturbatu egiten dela. Medikuak betaurrekoak ukitu eta zertxobait goratu ditu erantzuna aditu duenean. Bukatu da ordu erdia. Atera aurretik, gogorarazi dio oreka mantendu behar duela, horixe baita bera bezalako gaixoen tratamenduaren giltza. Denbora gutxi bada ere, eskertu egiten du kontsulta. Anbulatorioko atarira jaitsi eta hurrengo hitzordua eskatu du. Hamabost egunen bururako eman diote kontsulta-ordua, kontrolatu egin nahi baitute. Eta esan diote, arazorik egotekotan, dei egingo diotela zita aurreratu edo atzeratzeko. Autobusa hartu du berriz, etxera bueltatzeko. Oraingoan, bi gazteren elkarrizketak harrapatua dauka. Ile motz, praka bakero eta converse zuri batzuk jantziak dituen neska batek ikasketez dihardu aldamenean eserita duen mutilarekin. Mutilak, irribarre eginez, baiezko keinua egiten dio, adi-adi. Aurikularrak jantzi eta erreprodukzio zerrendara jo du. El Txef A eta Asier Balzategi Balza-ren arteko sesio batean murgildu da begirada autobuseko kristalaren kontra galduz doakion bitartean. Etxera heldu eta zapatilak eta bakeroak erantzi ditu. Hozkailura abiatu, garagardo bat ireki eta urdaila babesteko pilula bat hartu du. Edan egiten badu eta bentzodiazepinak hartzen baditu, urdailak min egiten dio. Watsappa heldu zaio: “5:30ean, hire etxe atarian. Hileta, 7etan”. Hozkailutik espageti batzuk atera, mikroondasean berotu eta egongelara abiatu da. Telebista piztu du. Gaurreguna hasi berria da: “Hezkuntzako langileak haserre daude eta sindikatuek greba deitu dute”; “Gobernuak arduraz jokatzeko eskatu die sindikatu eta langileei…” Espagetiak arin batean bukatu, telebista itzali, ekipoa piztu, technicsak biraka jarri eta Gregor Tresher-en A Thousand Nights eta Trav & Volta-ren The Same nahasi ditu arreta handirik ipini gabe. Sofan eseri eta oroitzapenei bidea zabaldu die; bere buruari galdegiten ari zaio ea zergatik aldendu ziren, ea zergatik bizitzak bakoitza bere bidera bidali eta harreman hura pixkanaka galduz joan zen. Errudun sentitu da. Pentsatu du, agian, margoak, technisak, kontrol-mahaia eta biniloak hobeto zaintzen dituela pertsonak baino. Joera handia du bere bizkar hartzeko kulparen zati handiena. Bere egin eta isilean aurrerantz egiten saiatu, minean gehiegi sakondu nahi ez balu bezala, ingurukoak molestatu nahi ez balitu bezala. Halaxe jokatzen zuen —du—; inoiz ez du pentsatzen, beharbada, besteak ere errudun izan daitezkeela. Nahiago izaten du beste orban txiki batez apaindu gorputza, edo goputza bainoago, gogoa. Urduritu egin da. Dutxan sartu da lasaitzeko. Epeletik hotzera doan urez, dutxa hartu du. Haginak garbitu, besapeak desodorantez igurtzi eta calvinklein emanez bukatu du. Berak ere badaki garbi eta apain dagoenean, buruko kontuak hobeto doazkiola, eta zikin eta utzita egotea seinale txarra izaten dela. Kamiseta beltza, praka bakeroak, johnsmith beltzak eta eguzkitako betaurrekoak jantzi ditu. Egongelako mahaiko kajoitik speed poltsa atera du. Compact Disk baten karatulan, marra bat margotzeari ekin dio. Hamar euroko billetea kiribildu eta arnasa hartu du. Gutxi kontsumitzen du, berak ere badaki-eta batzuetan kalte egiten diola; saiatzen da, arnastekotan, gehienera, bi marra izan daitezen, inoiz ez bitik gora, ze, bestela, lorazepam pilulez gain, beste bentzodiazepina batzuk —kalean erositako 2mg-ko alprazolam— hartu behar izaten ditu bere onera bueltatzeko. Auzokide berriak aurkitu ditu igogailuan. Aita eta alaba dirudite. Barruan sartu dira hirurak, eta disimuluan neskari erreparatu dio. Bera baino urte batzuk gazteagoa da, izango ditu hogeitaka urte. Beltzarana da, eta ile luze eta disdiratsua du. Begi urdin-urdinak. Argal dago, argalegi, akaso. Kolore zurbilekoa da, eta hatzamar luze-luze eta hezurtsuak ditu. Begira geratu eta sufritu egiten duela iruditu zaio. Jendearen minak ikusten ditu, edo abilezia hori duela sinetsia dago; agian, berak ere askotxo baitaki horretaz. Begietara begiratu dio, eta irribarre txikia eskaini; baina neskak ez dio begiratu nahi izan, lurrera jaitsi ditu begiak. Damutu egin zaio horrela jokatu izana. Atsegina izatea zuen helburu, baina ez du asmatu, eta horrek alditxartu egin du. Bere buruarekin haserre atera da igogailutik. Lagunak zain ditu autoan. Bidean murgildu dira, eta berbetan hasi da haietako bat. Kontatu die buruko isuri baten ondorioz hil dela, baina inork ez zuela halakorik espero, buruko min eta zorabio izugarri batek harrapatu eta bat-batekoa izan zela. Derrepentean, gaia aldatu eta lan kontuez hitz egiten hasi da. Esan die beste enpresa batean ari dela lanean, eta pieza erraldoiak egiten dituztela hegazkinentzat, eta pieza horiek kamioi bereziek garraiatzen dituztela, eta Europan gutxi direla halako piezak egiten dituzten enpresak. Kopilotuak moztu egin dio hitz jarioa. Barruko ispilutik begira, azkenekoz Monika ikusi zuenetik zenbat urte pasatu diren galdetu dio. Ispiluan ditu bien begiak. Ezpainekin keinu okerra egin eta erantzun die, jarlekutik altxatzeko imintzio txikia egitearekin batera, hogei urtean bospasei aldiz baino ez dituela ikusi Joana eta Monika. Musika ekipoa piztua dago. Harritua utzi du entzun duenak. Lehen hotsak entzutean, pentsatu du hileta batera joateko momentuarekin bat ez datorren musika dela. Hasi eta gutxira, ezaguna egin zaio; konturatu da Demian-en sesio zaharxe bat dela. Ez dago oso ozen jarria, eta nahiko goxoa ari zaio begitantzen, inori narritagarri ez iruditzeko moduko hari musikala. Abesti batean katramilatua geratu da, gogoa galduta, ezin asmaturik. Pentsatu du 2006. urte ingurukoa izango dela, eta Alemaniara begira jarri beharko lukeela asmatzeko, Koloniara, ziurrenik. Metope... Areal izan daitekeela bururatu zaio. Ohartxoa idatzi du mobilean, “Kolonia, 2005-2007”. Eliz atarian jende mordoa dago bildua berbetan, taldetxoetan. Espaloi gainean aparkatu dute autoa, eta ilara luzea sortu da. Autotik atera eta atariko bazter batera egin dute. Aspaldiko aurpegi askotxo aurkitu dituzte. Elizako sarrerara hurbildu eta sinadura-orrian sinatzeko beharra sentitu du. Ez du inoiz egin, eta ez zaio ezer berezirik bururatzen. Zabalik dagoen orrialdean, hainbat sinaduraz gain, omenezko esaldi zenbait daude. Ez daki zer idatzi, eta atzean zain dagoen emakume batek nerbioso jarri du. Arin batean sinatu eta albo batera joan da. Dagoen lekutik, kandela isiotuak usain ditzake. Txikitako oroitzapenak ekartzen dizkiote, aitona-amonekin mezatara joaten zen garaikoak, edota argindarrak huts egin eta etxean kandelak piztu behar izaten zituztenekoak. Une batez, begiak itxi eta sakonki hartu du arnasa. Unea luzatu guran, berriro ere arnasa hartu eta begiak itxi ditu. Kanpora atera eta lagunen bila joan da. Zigarroa piztu eta erretzeari ekin dio ingurukoengandik eta haien elkarrizketetatik zertxobait urrunduta. Ez da elkarrizketetan asmatzen ari, behartuegiak ari zaizkio ateratzen, eta nahiago du gehiagotan ez saiatu. Lurretik begiak altxatu, ezkerretara begiratu eta eguzkitako betaurreko, koloretako borobilez apainduriko blusa gris, bakero nasai eta zapatila zuriak jantzita datorren emakumea bistaratu du. Ile morea du, eta tatuajeak ikusten zaizkio beso eta sama inguruan. Haur-kotxe bati tiraka ari zaio. Betaurrekoak altxatu ditu, eta beti bezain modernoa izaten jarraitzen duela iruditu zaio. Irribarre benetakoa eskaini dio, azkenaldiko goxoena, seguruenera. —Atzo zurekin gogoratu nintzen… pentsatu nuen, beharbada, gaur ikusiko zintudala ‒esan dio neskak. Kontatu dio berak ere aspaldi galdua zuela harremana Monikarekin, nork bere bidea hartua zuela, eta Monikaren nebak deitu ziola zoritxarreko gertaeraren berri emateko, eta egundoko penaz egon dela azken bi egunetan. Eta jarraitu du esanez —malko txikiak ageri zaizkiola— bihozmin itzela sentitzen duela harremana galdu zutelako, berak ere ez daukala oso argi zergatik, eta urtebete dela elkar ikusi zutenetik, eta duela sei hilabete hitz egin zutela azkenekoz, telefonoz. Berbetan segitu dute denborak urrundu izan ez balitu bezala, aurpegiratzekoak alde batera utzita. Berriro elkar ikusiko ez dutenen beldurraz. Elkarri gauza gehiegi kontatzeko premia dutenek egiten duten moduan, presaz eta tarrapataka. Hurreratu eta makurtu egin da mutila. Ume txiki bat ikusi du haur-kotxearen barruan, sei edo zazpi hilabete ingurukoa. Begira geratu zaio irribarre goxo batez. Neskak kontatu dio Itziar duela izena, inguru hartako neskatila askok legez. Eta neskatxa aparta dela, ez ama bezalakoa, lo besterik ez duela egiten. Eta aita lanean dagoela, haiek bakarrik etorri direla hiletara. Albo batera egin dute. Emakumeak aitortu dio egundoko ilusioa egin diola berriro elkar ikusteak, eta galdegin dio ea zelan dagoen. Mutilak erantzun dio nahiko ondo dagoela. Gustura sentitu da, ez baitio lanaz eta konbentzioz galdetzen diren bizitzako gauza txiki eta deseroso horietaz itaunik egin. Esan dio bere gauzetara emana jarraitzen duela, margotu egiten duela eta musika ere oso gogoko izaten segitzen duela. Une batez, erridikulu ikusi du bere burua, txiki-txiki, sentitu baitu zerbait demostratzeko beharrizana agerian utzi dutela bere berbek; baina emakumeak irribarre egin dio, eta lasaitu egin da. Gaztetako garai eta bizipenez hasi dira berbetan, lasaixeago, neurria hartuta, batak bestearena arretaz entzunez. —Urte asko da elkar ikusten ez dugunetik… ‒bota du ezeroso neskak. —Bai, hala da. —Ez zara askorik aldatu… beti bezain argal zaude. —Eta zu, beti bezain modernoa. —Batzuetan sentsazioa dut ihesean ari naizela. Garai zaharretan pentsatzen hasten naiz, eta orduan... nahiago izaten dut bakarrik egon. Uste dut Monikak ere nahiago izaten zuela bakarrik egon. Horregatik aldendu ginen guztiok: bera, ni, eta horren aurretik, seguruenik, zu. Begiak urrunean galduta ditu mutilak, han ez balego legez; baina irribarre ulerkor batez erantzun dio, neskak esandakoa beste inork baino hobeto ulertu izan balu bezala. Isilune batek harrapatu ditu bi-biak. Ezustean, esnatu egin da umea, eta orro eta negar txikiak egin ditu. Amak titia eskaini dio, eta apurka-apurka umearen intziriak gero eta adiezinagoak bihurtu dira. Halako batean, isildu egin da, eta berriketari berrekin diote. —Ez didazu koadrorik erakutsiko? Mobila atera du, baina konturatu da ez duela galerian koadroen argazkirik gordeta. Baina agindu dio baietz, argazkia bidaliko diola etxera ailegatu bezain laster. Telefono-zenbakia apuntatu eta berbetan segitu dute, banku batean jesarrita, eurak bakarrik baleude bezala. Eta horrela jarraitu dute hileta bukatu arte. —Itziar eta biok... bagoaz. Aita laster aterako da lanetik, eta paseoan joateko geratuak gara hirurok. —Ederto… Besarkada luze eta bero batez esan diote agur elkarri. Kotxera igo eta etxerako bideari ekin diote. Isilean egin dute ordubeteko buelta, euri txikian. Aitor Etxebarriaren We Walked Home Together ari da autoko bozgorailuetatik ateratzen. Leihotik ziztu bizian pasatzen den paisaian galdua du begirada. Etxeko atarian utzi dute. Sarreran geratu da udako euri goxoan zigarroa erretzen. Auzoko neska berriak ateari bultza egin dio, eta bizkarrean sentitu du atea. Irribarre maltzurra atera zaio. Mutilak irribarrea bueltatu dio, eta neska korrika abiatu da euripean zaborra botatzera. Etxera igo eta zapatila eta bakeroak erantzi ditu. Garagardo bila joan da. Pizza izoztua sartu du labean, afaritarako. Ez da gose, speed marrak urdaila uzkurtu baitio, baina zerbait jateak lagundu egingo dio azkarrago lokartzen. Watsappa heldu zaio: “Ea noiz erakusten didazun koadroren bat…”. Logelara joan, aurreko arrats eta gauean eginiko koadroari argazkia atera eta bidali egin dio. Koadroan marra urdin zabal bat agertzen da, eta printza horiak, eta silueta batzuk diruditenak. “Badu izenik?” Ezetz erantzun dio, oraindik ez diola izenik jarri. Neska isilik geratu da tarte batez, idatzi-ez idatzi… “Gustatzen zait”. Mutilak promes egin dio —beteko ez diren promesen errazkeriaz— koadroa oparituko diola hurrengoan, elkar ikusten dutenean. Sukaldera hurbildu eta pilula-kaxatik lorazepam erdia hartu du. Euria da berriro ere gauaren sargorian. Telebistako aplikazioetara jo eta 80ko eta 90eko hamarkadetako wrestling borrokak bilatu ditu. Andre the Giant vs Jake the Snake Roberts. Pantailako ikuskizunari kasu handirik egin gabe, kasko handiak jantzi eta Endorphins-Transit (Legowelt Remix) aukeratu du. Egongelako leihoa irekia dago, eta kaleko euria entzun eta usain dezake. Begirada leihora biratu, begiak itxi, zigarroa piztu, arnasa sakonki hartu eta Danny Wolfers-en remixean murgildu da. Azken aspaldian sinetsia dago errazago harrapatzen duela horrela loak… “The rain was killing the last days of summer. You had been killing my last breath of love since a long time ago. I still don't think I'm gonna make it through another love story. You took it all away from me. And there I stand, I knew I was gonna be the... The one left behind”.
Hitzaurrea Henry David Thoreau (1817-1862) Ameriketako Estatu Batuetako idazleak ez zuen inoiz kargu politikorik izan, ez zen ezkondu eta ez zuen haurrik sortu. Eta, halere, Historia aldatu zuen. Haren bizitzako gertaerarik garrantzitsuenak bi izan ziren: ekintza xume bat —Basoan etxola batera bizitzera joan zen bi urtez— eta ez-ekintza bat —zergak ordaintzeari uko egin zion (kartzelan sartu zuten, egun batez)–. Baina etxolan idatzitako Waldenliburuarekin gaurko ekologismoaren aitzindaria bihurtu zen. Kartzelako esperientziatik abiatuta, berriz, Desobedientzia Zibilamaisulana idatzi zuen. Testu horretatik atera zuen Gandhik Indiaren independentziarako bere mugimenduaren izena. Hortik atera zuen Martin Luther Kingek indarkeriarik gabeko erresistentziaren ideia. Pertsona gutxik eragin dute horrenbeste hain gutxirekin. Thoreauk berak honela laburbiltzen zuen: "Bizitzan asko bidaiatu naiz... nire herriaren barruan". Desobedientzia Zibila Bat nator, bihotz bihotzez, honako leloarekin: “Gobernurik hoberena gutxien gobernatzen duena da”; eta nire pozerako litzateke hori ahalik eta azkarren eta sistematikoen gauzaturik ikustea. Gauzatzen bada, beste honen baliokidea bihurtzen da azken batean, hau ere nire iritziarekin bat: “Gobernurik hoberena, batere gobernatzen ez duena da”; eta gizonak horretarako prest direnean, hori izango dute gobernutzat. Kasurik hoberenean gobernua aurrerabide bat besterik ez da; baina gobernu gehienak normalean, eta gobernu guztiak batzuetan, atzerabide izan ohi dira. Armada iraunkor baten kontrako arrazoiak, asko, funtsezko eta konbentzigarriak izanik, berdin erabil daitezke, azken batean, gobernu egonkor baten kontra ere. Armada iraunkorra gobernu iraunkorraren beso bat besterik ez da. Herriak bere borondatea gauzatzeko aukeratu duen baliabidea besterik ez bada ere, gobernua desbidera eta oker dezakete herriaren nahia bete baino lehen. Honen lekuko dugu, gaur, Mexikoren aurkako guda: gobernu iraunkorra bere tresna gisa erabiltzen ari diren gizabanako gutxi batzuen lana; izan ere, hasieran, herriak ez zuen halako neurririk onartuko. Zer da, bada, Ameriketako gobernu hau, tradizio bat besterik ez bada, tradizio berri xamarra izan ere, bere burua osorik etorkizunera transmititu nahian dabilena baina uneoro osotasun eta zintzotasun pixka bat galtzen ari dena? Gizon bizidun bakar baten adinako indarrik eta sasoirik ez du; gizon bakar batek bere nahiaren arabera makurraraz baitezake. Herriarentzat ere, egurrezko fusil antzeko bat da Gobernua. Halere, ez du horregatik hura gutxiago behar; jendeak tramankulu handi bat behar du eduki, eta haren harrabotsa entzun, buruan duen gobernu ideia hori asetzeko. Honen bidez erakusten digute gobernuek zein erraza den gizonak menpean hartzea edota beraiek gizonen menpean jartzea, batzuen mesederako. Zoragarria da, onar dezagun. Baina gobernu honek ez du, bere kabuz, inongo ekimenik lagundu, ez bada bidetik azkar kendu denean. Gobernu honek ez du aberria aske gordetzen. Gobernu honek ez du mendebaldea kolonizatzen. Gobernu honek ez du hezkuntzarik ematen. Ameriketako jendearen prestutasunari esker lortu da egindako guztia; eta gehiago ere izango zuen egiterik, gobernua, hainbatetan, traban jarri ez balitzaio. Izan ere, gizonak elkarrekin bakean gogo onez uzten saiatzeko tresna da gobernua; eta, esan bezala, mesederik handiena egiten du, gobernupekoak bake santuan uzten dituenean. Gomazkoak ez balira, merkataritzak eta negozioek ezingo lituzkete gainditu legegileek etengabe bidean jartzen ohi dizkieten trabak. Eta gizon horiek, dituzten asmoengatik ez ezik, euren ekintzen ondorioengatik juzgatuz gero, trenbideetan trabak jartzen dituzten gaiztaginekin parekatzea eta zigortzea mereziko zuketen. Baina zuhurki eta herritar legez mintzatzekotan, euren buruak gobernu gabeko gizontzat jotzen dituzten horiek ez bezala, zera eskatzen dut nik, ez berehala gobernu eza, baizik eta berehalaxe gobernu hobea. Utzi gizakume bakoitzari zer nolako gobernua errespetatuko lukeen adierazten eta horra hura lortzeko lehenengo urratsa. Azken batean, boterea herriaren eskuetara heltzen den orduan, uzten bazaio gehiengo bati agintera heltzen eta luzaroan agintzen jarraitzen, horren arrazoi praktikoa ez da gehiengo hori zuzenago ibiltzea litekeena dela edota gutxiengoaren oniritzia duela, baizik eta fisikoki indartsuena dela. Kasu guztietan gehiengoaren arabera agintzen duen gobernuak ezin du justizia oinarri izan, sikiera ere gizonek justiziatzat duten horren arabera. Ez al da posible gobernu bat non gehiengoek ez duten birtualki erabakitzen zer den zuzena eta zer okerra, baizik eta kontzientziak? Non gehiengoek soilik kontzientziari eragiten ez dioten aferetan erabakiko duten? Utzi behar al du herritarrak, une batez eta neurririk txikienean bada ere, bere kontzientzia legegilearen eskuetan? Zertarako du orduan gizon bakoitzak kontzientzia bana? Lehenbizi gizonak eta ondoren menekoak izan beharko ginatekeela uste dut. Ez genuke legearekiko errespetua landu behar, zuzentasunarekikoa baizik. Soilik betebehar bat har dezaket nire gain zilegitasunez: beti neuk zuzentzat dudana egitea. Ongi esan ohi da talde batek ez duela kontzientziarik; baina kontzientzia duten gizonen elkartea, elkarte kontzientziatsua da. Legeak ez ditu sekula gizonak apurtxo bat ere zuzenagoak egin; eta, harenganako errespetua dela eta, zintzoak ere zuzengabekeriaren agente bihurtzen zaizkigu egunero. Legearekiko errespetu desegokiaren ondorio natural eta arruntaren adibidetzat, ikus dezakezu soldadu lerro bat, koronela, kapitaina, kaboa, kintoak, bolbora-mutil eta dena, mendian gora eta haranetan barrena, lerro-lerro, gerretara martxan, gogoz kontra eta, ai ene!, senaren eta kontzientziaren kontra, horrek, benetan, martxa oso aldapatsu egiten dielarik eta bihotza estutzen. Lantegi deitoragarrian dabiltzala badakite, zalantza izpirik gabe; baketsuak dira denak berez. Orain, berriz, zer dira? Gizonak akaso? ala bolborategi eta gotorleku mugikorrak, agintean diren gizon lotsagabe batzuen zerbitzuan? Bisita ezazue Itsas Armadaren basea eta marine bat behatu, Ameriketako gobernu batek sor dezakeen gizon mota, alegia, bere sorginkeriaren bitartez sortu ere: gizatasunaren itzal eta arrasto bat, bizirik eta zutik, eta dagoeneko, esan genezake, armen azpian lurperaturik, hileta doinuz lagundurik. Danbor hotsik ez zen entzun, ezta hileta doinurik ere, Haren hilotza harresira eraman genuenean; agur tirorik ez zuen egin soldadu batek ere Gure heroia lurperatu genuen hilobiaren gainean. Honela zerbitzatzen du jende-multzoak estatua, ez batez ere gizon legez, baizik eta makina gisa, gorputzekin. Horiek dira armada egonkorra eta miliziak, kartzelariak, poliziak, eta sheriff-aren laguntzaileak. Kasu gehienetan ez dago senaren edota zentzu moralaren ariketa librerik; egurraren, lurraren eta harrien pare jartzen dituzte euren buruak; eta, beharbada, badago egurrezko gizonak fabrikatzerik, helburua haiek bezain ongi beteko luketenak. Simaur pilo batek edota txorimalo batek baino errespetu handiagorik ez dute halakoek merezi; zaldien eta zakurren balio mota bera dute. Eta, halere, halakoak hartzen ohi dira herritar prestutzat. Beste batzuek, legegileek, politikariek, abokatuek, ministroek eta, oro har, kargudun gehienek, estatua zerbitzatzen dute batez ere buruekin; eta hausnarketa moralik gutxitan egiten dutenez, berdin ibil daitezke Deabruaren morrontzan, nahi gabe beti ere, zein Jainkoarenean. Bakan batzuek, heroiek, abertzaleek, martiriek, erreformatzaileek zentzu onean, eta gizonek, kontzientziekin ere zerbitzatzen dute estatua eta, halabeharrez, gehienetan kontra egin behar izaten diote; eta, normalean, estatuak etsaitzat hartzen ditu. Gizon zuhurrak soilik gizon den heinean egin dezake mesede, bere burua kondenatu gabe “buztina” izatera “zuloa estaltzeko, haizea sar ez dadin”. Lan hori, gutxienez, bere errautsari utziko dio: Goregi jaio nintzen ni, besteren jabetza eta esaneko izateko, munduko edozein estaturen morroi eta tresna bihurtzeko. Bere burua osorik hurkoei ematen diena, ezgauza eta berekoitzat jotzen dute; bere burua erdizka ematen diena, berriz, ongilea eta filantropoa dela diote. Nola jokatu behar du gaur gizon batek Ameriketako gobernu honekiko? Erantzuten dut ezin duela harekin elkar hartuta ibili zorigaitzik gabe. Ezin dut nire gobernutzat hartu, inolaz ere, esklaboen gobernua ere baden erakunde politiko hori. Gizon guztiek onartzen dute iraultzarako eskubidea; hau da, gobernuari arbuio eta kontra egiteko eskubidea, haren tiranokeria edo ustelkeria handiak eta jasanezinak direnean. Gaur ez dela hori kasua diote ia denek. Baina hori bai zela kasua, uste dute, 75eko iraultzan. Baten batek esango balit gobernu hura txarra zela atzerritik porturaturiko zenbait salgairi zergak ezartzen zizkielako, ez nioke kasurik egingo, ziurrenik, gai horiek gabe ere molda baininteke. Makina guztiek dute frikzioa; hala ere, sorturiko gaitza kitatzeko adina mesede egiten dute, ziurrenera. Frikzio hori dela eta protesta egitea oker handia litzateke, inolaz ere. Baina frikzioa makinaz jabetzen denean, eta zapalketa zein lapurreta antolatuak ditugunean, zera diot, ken dezagun makina hori aldamenetik. Bestela esateko, bere burua askatasunaren babeslekutzat duen nazioaren sei biztanletik bat esklabo denean, eta armada atzerritar batek herri oso bat bidegabe inbaditu eta menperatu eta lege militarpean jarri duenean, ez dut uste goizegi denik gizon zintzook matxinatzeko eta iraultza egiteko. Eta are premiazkoa da matxinatzeko betebeharra, ez delako geurea inbaditutako herria, bai, haatik, armada inbaditzailea. Kontu moraletan askoren artean itzal handia duen Paleyk, Gobernu Zibilari Obeditzeko Obligazioa atalean, betebehar zibil guztiak batean biltzen ditu: onuragarritasuna; eta honela dio: “Gizarte osoaren interesak eskatzen duen heinean, hau da, dagoen gobernua onura publikoari kalte egin gabe aldatzerik edo ukatzerik ez dagoenean, Jainkoaren nahia da, orduan eta bakarrik orduan, dagoen gobernuari obeditzea...Printzipio hau onartuta, desobedientzia kasu bakoitza zuzena ote den erabakitzeko, nahikoa da kalkulatzea alde batean dagoen arrisku eta kalte kopurua eta bestaldean hura konpontzeko dagoen aukera eta kostua”. Honen inguruan, haren aburuz, norberak erabakiko du. Ez dirudi, ordea, Paleyk sekula kontuan izan duenik komenigarritasunaren legearen barruan jarri ezin diren kasuak, zeinetan herri batek zein gizabanakoak justizia egin behar duen kosta ahala kosta. Itolarrian dabilen bati, indarrez eta bidegabe ohola lapurtu badiot, itzuli egin beharko diot, neu itoko banaiz ere. Hori, Paleyren arabera, ez litzateke onuragarria. Bere bizitza horrela salbatzen duenak, galdu egingo du. Jende horrek esklaboak edukitzeari utzi egin behar dio, bai eta Mexikori gerra egiteari ere, horren kostua herri gisa desagertzea bada ere. Praktikan nazioek Paleyren arabera jokatzen dute; baina, inork uste al du Massachusetts zuzen jokatzen ari denik egungo krisian? Estatu zikina, zilarrezko soinekoz jantziriko urdanga, dandarra altxatzen diote, eta arima lokatzetik arrastaka darama. Egia esateko, Massachusetts honetan legea aldatzearen aurkakoak ez dira hegoaldeko ehun mila politikari, baizik eta bertoko ehun mila nekazari eta merkatari; merkataritzaz eta nekazaritzaz arduratuago daude, gizateriaz baino, eta ez dira prest esklaboari zein Mexikori justizia egiteko kosta ahala kosta. Ez nabil urruneko etsaiekin ika-mikatan, baizik eta etxe ondoan urruneko haiei laguntzen dieten morroiekin, hauek gabe haiek jai izango baitzuketen. Ohituta gaude esatera jendetza ez dagoela prestatuta; baina hobekuntza astiro dator, gutxiengoa ez baita gehiengoa baino hobea edo jakintsuagoa. Ez da horren garrantzitsua zu bezain on diren asko egotea, garrantzitsuagoa da nonbaiten ongi absolutu apur bat izatea; legamia horrek altxatuko baitu ore osoa. Milaka dira esklabotza zein gerraren kontrako direnak, iritziz, eta, dena den, haiek amai daitezen ezertxo ere egiten ez dutenak; beraien buruak Washington eta Franklinen seme-alabatzat dituzte eta, eserita eskuak poltsikoetan, esaten dute ez dakitela zer egin, eta ez dute ezer egiten. Libertatea beharrean, librekanbioa lehenesten dute eta lasai irakurtzen dituzte afalostean prezio indizeak, Mexikotik datozen azkeneko albisteekin batera, eta, beharbada, bien gainean seko geratzen dira lo. Zein da gaur gizaseme zintzo eta abertzale baten prezio indizea? Duda-mudatan dabiltza, eta deitoratzen, eta batzuetan protesta agiriak sinatzen dituzte, baina ez dute egiten egiazko eta eraginkorrik ezer. Asmo onez itxarongo dute beste batzuek gaitza konpondu arte, geroan deitoratzeko arrazoirik ez izateko. Zuzentasunari, boto merke bat, sostengu ahula, eta ongi ibili! bat besterik ez diote emango haien aldamenean igarotzen denean. Gizon bertutetsu bakoitzeko bederatziehun eta berrogeita hemeretzi bertutezale dago. Hala ere, errazago da gauza baten benetako jabearekin tratutan ibiltzea haren behin-behineko zaintzailearekin baino. Bozkatzea joko mota bat da, dama-jokoa edo backgammon bezalakoa. Nola-halako ñabardura morala dauka, jokatzen baita ongia eta gaitzarekin, moral kontuekin; eta apustua du, halabeharrez, lagun. Boto-emaileen izen ona ez da arriskuan jartzen. Zuzen ustean ematen dut botoa, beharbada; baina zuzentasuna nagusitzea ez da niretzat hil ala biziko kontua. Hori gehiengoaren ardurapean uzteko irrikan nago. Haren betebeharra, hortaz, ez da gai praktikoetara baino harago heltzen. Zuzentasunaren alde bozkatzea ere, horren alde ezer ez egitea da. Zuzentasuna nagusitzea nahiko zenukeela gizonei ahapeka adieraztea da soilik. Gizon zuhur batek ez du utziko zuzentasuna zoriaren eskuetan, ezta hura gehiengoaren indarrez nagusitzea nahi izango ere. Bertute eskasa dago jende multzoen ekintzetan. Gehiengoak, egun batean, esklabotza deuseztatzearen alde bozkatzen badu, esklabotza bost axola zaiolako izango da edota haren botoaren bitartez deusezta daitekeen esklabotza gutxi geratzen delako. Beraiek izango dira orduan esklabo bakarrak. Bere askatasuna botoaren bidez baieztatzen duenak soilik azkar dezake esklabotzaren abolizioa. Baltimoren-edo ospatzekoa den kongresu baten berri entzun dut: egunkari zuzendariek eta politikari profesionalek, nagusiki, osatuko dute, presidentetzarako hautagai bat aukeratzeko. Baina neuk zera diot: zer axola zaio erabakia edozein gizon independente, argi eta errespetagarriri? Ezin al dugu horren zintzotasunaz eta jakinduriaz baliatu, dena dela? Boto independente batzuk ere ezin al ditugu bada izan? Ez al da bada herri honetan kongresuetara joaten ez den gizabanako asko? Ez nonbait: gizon errespetagarria deituriko horrek segituan utzi du bere postua eta aberriarekin etsita dabilela sumatzen dut, aberriak berarekin etsitzeko arrazoi handiagoak baditu ere. Berehala, horrela aukeratutako hautagaietako bat onartzen du, eskura dagoen bakarra delakoan, eta horrela frogatzen du bera ere eskura dagoela demagogoaren edozein asmotarako. Horren botoak ez du gehiago balio eros daitekeen printzipiorik gabeko atzerritarrarenak edota bertako saripekoarenak baino. Oi gizona den gizona, eta nire auzoak dioen bezala, bizkarrean hezur sendoa daukana! Gure estatistikak oker dira: populazio handiegia agertzen dute. Zenbat gizon dugu herri honetan hiru mila kilometro koadroko? Bat eskas. Ez al du bada Amerikak gizonak hemen bizitzen jartzeko nahia pizten? Amerikarra urritu egin da, Odd Fellow bat bilakatu arte: hura ezagutu daiteke taldean ibiltzeko joera asko garatu duelako eta bere buruarekiko konfiantza sendo zein adimen eza nabarmenagatik. Mundura sortzean haren kezka lehen eta nagusia zaharren egoitzak egoki paratuta daudela ikustea da eta gizonezkoen toga janzterik duen baino lehen, diru-eske ibiltzea inguruko alargun zein umezurtzak laguntzeko. Aseguru etxearen babesean baino ez da bizitzera ausartzen, zeinak behar bezala hilobiratuko duela agindu dion. Ez da gizon baten betebeharra, ez behintzat normalean, inongo okerrik zuzentzen ahalegintzera dedikatzea, okerrik handiena bada ere; bestelako kezkak izan ditzake gogoan arrazoi osoz, baina badu, bederen, oker horretatik eskuak ateratzeko betebeharra, eta, besterik ez badu egiten ere, ez emateko okerrari laguntzarik praktikan. Beste kontu eta hausnarketetara dedikatzen banaiz, lehenbizi behintzat, inoren lepotik ez nabilela ikusi beharko dut. Askatu beharko dut aurretik, beste horrek ere bere zereginetan ibiltzerik izan dezan. Ikusi, bada, zer nolako kontraesana onartzen den. Nire herrikide batzuei honela entzun izan diet: “Gustuko izango nuke haiek niri esklaboen matxinadaren bat zapaltzen laguntzera deitzea edota Mexikora gerrara joateko agintzea..., ikusiko zuten orduan joango ote nintzatekeen”. Haatik, gizon hauetako bakoitzak, euren leialtasunaren bidez zuzenean eta, azken finean, euren diruaren bidez zeharka ere, ordezko bat bidali du. Bidegabeko gudan zerbitzatzeari uko egiten dion soldaduari txalo jotzen diote gerra eragiten duen gobernu bidegabea sostengatzeari uko egiten ez dioten horiek. Txalo-jotzaile horien jokabidea eta autoritatea arbuiatu eta gaitzesten du halako soldaduak. Emango luke estatua prest legokeela penitentzia egiteko, norbaiti ordaintzeko bera zigor dezan, bekatua egiten duen bitartean, ez ordea, une batez ere bekatu egiteari uzteko. Ordenuaren eta Gobernu Zibilaren izenpean, honela, behartzen gaituzte geure doilorkeria omentzera eta indartzera. Bekatuaren hasierako lotsa pasata, axolagabekeria dator. Morala ez zena amorala-edo bihurtzen da, nolabait esateko, ez oso alferrikakoa antolatu dugun bizimodurako. Okerrik zabalduenari eta iraunkorrenari eusteko, bertuterik desinteresatuena behar da. Gizonik zintzoenek dute joerarik handiena erortzeko abertzaletasunaren bertuteari ikus dakiokeen akats txikian: gobernu baten joera eta neurriak gaitzesten dituzten bitartean, sostengu eta leialtasuna eskaintzen dizkioten horiek dira, dudarik gabe, haren sostengatzailerik kontzienteenak eta, sarritan ere, aldaketaren oztoporik handienak. Batzuek Batasuna desegiteko eskatzen diote Estatuari, presidentearen deialdiei muzin egiteko. Zer dela eta ez dute beraiek desegiten Estatuarekin duten lotura eta haren ogasunari zerga ordaintzeari uko egiten? Estatuarekiko duten harremana, ez al da Estatuak berak Batasunarekiko duen berbera? Estatuak Batasunaren aurka ez jotzeko izan dituen arrazoiak, ez al dira beraiek Estatuaren kontra ez aritzeko izan dituzten berberak? Nolatan ase daiteke gizon bat jakite hutsarekin eta, gainera, lasai ibili? Lasaituko al du bada bera kaltetzen ari direla jakite hutsak? Auzoak txanpon bakar bat bera ere lapurtzen badizu, ez zaitu asetzen jakiteak iruzur egin dizula, ezta dagokizuna ordaintzeko eskatzeak ere; haatik, berehala hartzen dituzu neurri eraginkorrak diru guztia berreskuratzeko eta ziurtatzeko berriz iruzur egiten ez dizutela. Printzipioetatik sorturiko ekintzak –justizia hautemateak eta gauzatzeak– egoerak eta harremanak aldatzen ditu; iraultzailea da mamian eta ez dator guztiz bat iraganeko ezerekin. Ez ditu soilik estatuak eta elizak banantzen, senitartekoak banantzen ditu, ai ene! gizabanakoa banantzen du, eta haren baitan deabruarena eta jainkoarena bereizten du. Zuzengabeko legeak egon, badaude: obeditu besterik ez al dugu egin behar, ala zuzentzen saiatu? Zuzentzea lortzen dugun arte obeditu behar ditugu, ala besterik gabe hautsi? Hau bezalako gobernu baten agintepean, gizonek uste izaten dute itxaron egin behar dutela gehiengoa legea aldatzearen alde konbentzitu arte. Kontra eginez gero, konponbidea gaitza baino okerragoa izango litzatekeela uste dute. Haatik, Gobernuaren errua da konponbidea gaitza baino okerragoa bada. Hark bihurtzen du okerrago. Zer dela eta ez da Gobernua prestuago aldaketa igarri eta laguntzeko? Zer dela eta ez du gutxiengo jakintsua estimatzen? Zer dela eta egiten du negar eta borroka zauria jaso aurretik? Zer dela eta ez ditu herritarrak adi egotera bultzatzen, bere akatsez ohartarazteko, hobe beharrez? Zer dela eta iltzatzen du beti Kristo gurutzean, eta Lutero zein Koperniko eskomikatzen, eta Washington zein Franklin matxinotzat jotzen? Pentsa dezake batek gobernuak kontuan hartu ez duen lege-hauste bakarra dela bere aginteari uko egitea apropos eta praktikan. Zer dela eta ez du, bestela, horretarako zigor irmo, egoki eta neurrikorik arautu? Ondasunik gabeko gizon batek, behin bada ere, uko egiten badio berak irabazitako bederatzi txelin Estatuari emateari, kartzelan sartzen dute, nik ezagututako inongo legek mugatzen ez duen epe baterako, soilik giltzaperatu dutenen erabakiaren menpe. Haatik, laurogeita hamar bider bederatzi txelin lapurtu badizkio Estatuari, berehala uzten dute libre. Bidegabekeria gobernuaren makinak ezinbestean duen frikzioaren atal bat bada, hala bedi, hala bedi. Beharbada gastatu eta leunduko da; ziur makina erabat higatuko dela. Bidegabekeriak malguki, txirrika, soka edo eragingailu propioak baditu, pentsa dezakezu konponbidea gaitza baino okerragoa ez ote den izango. Baina, haren izaerak behartzen bazaitu beste baten kontrako bidegabekeriaren agentea izatera, orduan zera esango dizut: hauts ezazu legea. Zeure bizitza izan dadila makina gelditzeko kontra-frikzioa. Ziurtatu behar dut ez dudala edozein neurritan bultzatzen gaitzesten dudan okerra. Gaitza konpontzeko Estatuak eskura jartzen dituen bideak erabiltzeari buruz, nik ez dut halako bideen berririk. Luzeegi jotzen dute eta gizon baten bizitza joango da tartean. Baditut beste zereginak ere. Ez nintzen mundu honetara sortu, nagusiki, mundua bizileku ona bihurtzeko, baizik eta, bertan bizitzeko, ona ala txarra izanda. Gizon batek ez du zertan dena egin behar, zerbait baizik. Eta dena egiterik ez badu, horrek ez dakar ezinbestean, zerbait oker egin behar duenik. Ez dut zertan ibili behar eskariak aurkezten Gobernadore edo Legebiltzarrari, ez, behintzat, hauek niri eskariak aurkezteko beharrik ez duten bitartean. Nire eskaerei entzungor egiten badiete, zer egin dezaket orduan? Irtenbiderik ez du utzi Estatuak halakoetan: Konstituzioa bera dugu gaitza. Esan dudanak eman dezake bortitz, kaskagogor eta liskarti; baina bihotz onez eta kontsiderazioz tratatzea da horrela merezi eta estimatzen duen izpiritu bakarra. Horrela gertatzen da onerako aldaketa guztietan: jaiotzak eta heriotzak legez, gorputza astindu egiten dute. Ez dut zalantzarik honako hau esaterakoan: euren buruak abolizionista izendatzen dituzten horiek berehala eta eraginkortasunez kendu behar liokete sostengua Massachusettsko Gobernuari, pertsonez zein ondasunez, itxaron gabe gehiengo sinplea osatu eta nagusitzeko eskubidea eskuratu arte. Jainkoa euren alde badute, nahikoa dutela deritzot, beste inoren zain egoteko beharrik gabe. Are gehiago, aldamenekoa baino zuzenago dabilen edozein gizonak gehiengo sinplea osatzen du dagoeneko. Ameriketako Gobernu hau, edo haren ordezkari Estatuko Gobernua, urtean behin –ez gehiagotan– topatzen dut aurrez-aurre, haren zerga biltzailearen pertsonan. Hori da gizartean ni bezala kokaturiko gizon batentzat Gobernuarekin halabeharrez topo egiteko modu bakarra. Orduan zera esaten dit, argi eta garbi: nire agintea onar ezazu. Harekin tratatzeko modurik sinpleena, eraginkorrena eta, egungo egoera dela-eta, ezinbestekoena, harenganako zein poz gutxi eta maitasun urria dituzun adierazteko, hura une horretan ukatzea da. Nire auzoa, zerga biltzailea, da tratatu behar dudan laguna, ez bainabil paperezko agiriekin borrokan baizik eta pertsonekin, eta hark bere borondatez gobernuaren agentea izatea aukeratu du. Nola jakingo du hark gobernuaren ofiziale gisa, edo gizon legez, zer den eta zer egiten duen, ni, errespetatzen duen bizilaguna, auzokide eta izaera oneko pertsona legez ala ero eta bazter-nahasle gisa tratatu behar ote nauen erabaki beharrean aurkitzen den arte. Ikusi beharko du orduan, bere jatortasuna kolokan jartzen duen arazoa gaindi ote dezakeen bere ekintzari dagozkion gogoeta edo hitz zakarrik gabe. Ondo dakit nik mila, ehun, hamar gizonek –hamar gizon prestuk soilik–, zera! gizon ONDRATU bakar batek, Massachusettsko Estatu honetan, esklaboak edukitzeari utzi eta bere konplizitatea hautsiko balu eta, honen ondorioz, konderriko kartzelan giltzapetuko balute, esklabotzaren azkena litzatekeela Ameriketan. Hasierak zein xumea dirudien ez du axola, behin zuzen egiten dena, betiko dago egina. Baina nahiago izaten dugu hitz egiten ibiltzea gure misioa deitzen dugun horretaz. Erreformak hamaika kazeta ditu bere alde lanean, baina gizon bat bera ere ez. Nire lagun estimatua eta Estatuaren ordezkaria, Kontseilu Ganbaran giza eskubideen arazoa konpondu nahian jo eta su dabilena, Karolinako espetxeekin mehatxatu beharrean, Massachusettsen preso balitz, hau da, bere senideari esklabotzaren bekatua leporatzeko horren prestu dabilen Estatu honetan bertan –nahiz eta egun abegikortasunaren aurkako ekintza bat baino ez duen ikusten haren kontra– Legebiltzarrak ez lioke gaiari erabat muzin egingo hurrengo neguan. Inor bidegabeki giltzapetzen duen gobernu baten menpean, gizon zintzo bati dagokion tokia kartzela da. Leku egokia egun, Massachusettsek bere izpiritu askeen eta kementsuenentzako egun egokitu duen leku bakarra, kartzelatan da, han Estatuarengandik eta Estatu beraren eskutik apartatuak eta giltzapetuak izan daitezen, euren buruak dagoeneko jarri baitituzte aparte, printzipioak direla eta. Hor aurkitu beharko lituzke esklabo iheslariak, baldintzapeko askatasunean dabilen gatibu mexikarrak eta bere herriari eginiko kaltea salatzera datorren indioak, toki baztertu baina libreago eta ohoretsuago horretan, non Estatuak, alde beharrean, kontra dituenak sartzen dituen: esklaboak dituen Estatu batean gizon libre batek ohorez erabil dezakeen etxe bakar horretan. Norbaitek uste badu hor barruan haien indarra galdua legokeela eta haien ahotsek Estatuaren belarria jadanik atsekabetzerik izango ez luketela, hau da, pareta horien artean jadanik etsai izango ez zirela, horrek ez daki noraino den egia okerra baino indartsuagoa, ezta ere zein eraginkorrago eta indartsuago borroka dezakeen zuzengabekeria bere soinean apur bat jasan duenak. Eman ezazu boto osoa, ez soilik paper puska bat, zeure eragin osoa. Gutxiengoa indarge da gehiengoari men egiten dion bitartean. Gutxiengo bat ere ez da orduan. Geldiezina da, ordea, bere pisu guztiarekin traba egiten duenean. Aukera bada gizon zintzo guztiak kartzelan sartzea ala gerra eta esklabotza gelditzea, Estatuak ez du zalantzarik izango. Mila bat gizonek aurten zergak ez ordaintzea erabakiko balute, hori ez litzateke neurri bortitz eta odoltsua izango, bai, ordea, ordaintzea eta Estatua ahalbidetzea indarkeria erabiltzeko eta errugabeen odola isurtzeko. Hau da, izan ere, iraultza baketsuaren definizioa, halakorik posible bada, behintzat. Zerga biltzaileak edo beste edozein funtzionariok “zer egingo dut bada?” galdetzen badit, eta hala egin dit dagoeneko batek, nire erantzuna honako hau izango da: “benetan zerbait egin nahi baduzu, utzi kargua”. Menekoak leialtasunari uko egin dionean eta funtzionarioak kargua utzi duenean, orduan egina dago iraultza. Suposa ezazue, halere, odola isuri behar dela; ez al da odolik isurtzen moduren batean kontzientzia zauritzen denean? Zauri horretatik isurtzen dira gizon baten benetako gizatasuna eta hilezkortasuna, eta betiko hiltzeraino odolusten da. Odol jario hori dakusat orain. Legea hautsi duenaren kartzelatzea ibili dut gogoan, haren ondasunen bahitzea barik, nahiz eta biek xede bera izan, zuzentasunik garbiena defendatzen dutenak, eta, beraz, Estatu ustel batentzat arriskutsuenak diren horiek ez direlako, normalean, asko ibili ondasunak biltzen. Horiei mesede gutxikoa zaie Estatua, besteekin alderatuta, eta zergarik txikiena ere neurrigabekoa iruditu behar zaie, batez ere eskuekin eginiko ezohiko lanaren bitartez ordaindu behar badute. Erabat dirurik gabe biziz gero, Estatuak berak ere zalantzan izango luke hari dirua eskatzea. Gizon aberatsa, berriz, konparazio bekaiztirik ez egitearren, bera aberasten duen erakundeari salduta dago beti. Absolutuki hitz eginez, zenbat eta diru gehiago, orduan eta bertute gutxiago. Dirua gizonaren eta haren gauzen artekaria baita, honek eskuratzen ditu gauzok harentzat; eta ez dago bertute handirik dirua eskuratzean. Diruak erantzun beharreko galdera asko isilarazten ditu, eta, aldiz, galdera bakarra sortzen du, erantzuten zaila baina azalekoa: zertan gastatu? Honen bidez, gizonak oinarri morala galtzen du. Bizitzeko aukerak murriztu egiten dira “erraztasunak” omen diren horiek handitzen diren heinean. Gizon batek, behin aberastutakoan, bere kulturaren alde egin dezakeen gauzarik hoberena da pobrea zenean zituen egitasmoak gauzatzen saiatzea. Jesu kristok Herodesen aldekoei haien izaeraren araberako erantzuna eman zien: “Erakuts iezadazue zerga-dirua”, esan zuen, eta batek, poltsikotik, txanpon bat atera zuen; erabiltzen baduzue Zesarren irudia daukan txanpona, hark balioztatu eta zirkulazioan jarritakoa, hau da, Estatuaren gizonak bazarete eta Zesarren gobernuaren abantailez pozik baliatzen bazarete, orduan, berea den horretatik zer edo zer itzultzeko eskatzen dizuenean: “Itzul iezaiozue, beraz, Zesarri Zesarrenak direnak eta Jainkoari Jainkoarenak direnak”. Nori zer zegokion jakin gabe utzi zituen, hasieran bezain ezjakin, haiek ez baitzuten jakin nahi. Nire auzokide libreenekin solasean aritzen naizenean, aferaren garrantziaz zein larritasunaz eta lasaitasun publikoari dioten begiruneaz diotena diotela, kontua da, azken batean, ezin dutela bizi egungo Gobernuaren babesik gabe, eta desobedituz gero, euren familiak zein ondasunek jasango lituzketen ondorioen beldur direla. Nik, neure aldetik, ez nuke pentsatu nahi inoiz Estatuaren babesa ezinbestekoa zaidala. Zerga ordaintzeko eskatzen didanean, berriz, Estatuaren autoritateari muzin egiten badiot, laster asko bahitu eta alferrik galduko ditu nire ondasunak eta ni zein nire seme-alabak etengabe zigortuko gaitu horrela. Gogorra da hori. Gizon bati zintzoki eta aldi berean eroso bizitzea ezinezkoa egiten dio honek. Ondasunak pilatzeak ez du, beraz, merezi izango, berriz ere, galduko baitira. Lekuren bat alokatu edo okupatu behar duzu eta uzta txiki bat besterik ez hazi, eta hura berandu gabe jan. Zure baitan bizi behar duzu, eta zeure ahalmenez, maukak beti jasota eta prest hasteko, eta zeregin askorik gabe. Turkia batean ere badu gizon batek aberasterik, Turkiako Gobernuaren meneko zintzoa bada beti. Konfuziok esan zuen: “Estatua arrazoiaren printzipioen arabera gobernatzen bada, miseria eta pobrezia lotsagarriak dira; estatua ez bada arrazoiaren printzipioen arabera gobernatzen, aberastasunak eta ohoreak dira lotsagarriak”. Ez: nire askatasuna galzorian dagoen urruneko hegoaldeko porturen batetik Massachusettsen babesa eskatzen dudan arte edota sorlekuan, etxaldea bakebidez eraikitzeari ekiten diodan bitartean, ordain dezaket Massachusettsi leialtasuna zein nire bizitza eta ondasunen gaineko eskubidea ukatzearen prezioa. Gutxiago kostatuko zait Estatuari desobeditzearen zigorra jasotzea, obeditzea baino, zentzu guztietan. Obeditzekotan, gutxiago balio dudala sentituko nuke. Orain dela zenbait urte, Estatua etorri zitzaidan Elizaren izenean eta apaiz bati laguntzeko diru kopuru bat ordaintzeko agindu zidan; nire aita joaten zen haren peredikua entzutera, baina sekula ere ez neu. “Ordain ezazu”, esan zidan Estatuak, “edo kartzelan giltzapetua izango zara”. Uko egin nion ordaintzeari, baina, zoritxarrez, beste norbait agertu zen nire ordez ordaintzeko prest. Ezin nuen ulertu zer dela eta ordainarazi behar zaion maisuari apaiza laguntzeko eta ez, berriz, apaizari maisua laguntzeko; ni ez bainintzen Estatuko maisua, haatik, borondateko harpidetzaz sostengatzen nuen neure burua. Ezin nuen ulertu zer dela eta Lizeoak ezin zituen bere zergak luzatu, eta Estatua eskaera babesteko izan, Elizak bezala. Dena den, eta zinegotziek eskatu zidatelako, baieztapen hau paperean jartzea onartu nuen: “Idazki honen bitartez jakin dezatela guztiek, nik, Henry Thoreauk, ez dudala nahi inongo elkarteko kidetzat hartua izan, horretan izena eman ez badut”. Udal idazkariari eman nion idazkia; eta hark dauka gordeta. Eliza horren kidetzat hartua izan nahi ez dudanaren jakinaren gainean jarririk, ez dit Estatuak, harez geroztik, halako eskaerarik egin, hartan, aurretik zuen ustea aintzat hartu behar zuela adierazi bazidan ere. Nola izendatu jakin izan banu, izenik eman ez nien elkarte guztietatik izena kendu beharko nukeen orduan, banan bana, baina ez nekien zerrenda osoa non aurkitu. Sei urteotan ez dut gizabanakoen gaineko zergarik ordaindu. Hori dela eta, kartzelan sartu ninduten, behin, gau baterako. Metro erdi eta metro bat arteko harrizko paretei zein 30 zentimetroko zur eta burdinazko ateari eta argia iragazten zuen burdinsareari so nengoela, harritu egin ninduen erakunde haren zentzugabekeriak, zarratzeko haragi, odol eta hezurrak besterik ez banintz hartzen baininduen. Nire buruari galdetzen nion erabaki ote zuen hura zela ni enplegatzeko modurik hoberena eta ez ote zitzaion sekula bururatu nire zerbitzuez beste modu batean baliatzea. Ni eta nire hirikideen artean harresi bat baldin bazegoen, beste bat bazutela ikusi nuen, igo edota zeharkatzen zailagoa, haiek ni bezain libre izan aurretik. Ez nintzen inoiz preso sentitu eta paretak harrizko eta mortairuzko alferrikako gastu itzela iruditu zitzaizkidan. Zerga ordaindu zuen hiritar bakarra banintz legez sentitu nintzen. Ni nola tratatu ez zekiten, besterik gabe, eta heziketarik gabeko pertsonak bezala portatzen ziren. Mehatxu zein hitz gozo bakoitzarekin huts egiten zuten, nire desiorik handiena harresiaren bestaldean egotea zela uste baitzuten. Irribarrez ikusi nuen atea ixteko nolako lanak hartzen zituzten eta nire gogoetak inongo baimen eta oztoporik gabe irten zitezkeela haien atzetik; eta gogoetok ziren gauza arriskutsu bakarra. Ni heldu ezin nindutenez, nire gorputza zigortzea erabaki zuten; umeak bezalatsu, gorroto duten lagunari aurre egin ezin diotenean, haren txakurraren aurka jotzen dute. Estatua ergel xamarra zela ikusi nuen, bere zilarrezko koilaratxoekin arduratuta dabilen neskazaharra bezain izuti, lagunak eta etsaiak bereizi ezinik zebilela, eta gordetzen nion errespetu kondarra galdu nuen eta errukigarria egin zitzaidan. Bistan denez, Estatuak, ez dio sekula nahita aurre egiten gizon baten senari, intelektual zein moralari, baizik eta, soilik, haren gorputzari, haren zentzumenei. Estatua ez dago adimen edo zuzentasun handiagoz horniturik. Bai, aldiz, indar fisiko handiagoz. Ez nintzen bortxatua izateko jaioa. Nire erara hartuko dut arnasa. Indartsuena zein den ikusiko dugu. Zer nolako indarra du jendetzak? Soilik behar nazakete nirea baino garaiago den lege baten esanetara daudenek. Haiek bezalakoa bihurtzera behartzen naute. Noiztik behartzen ditu jendetzak, bada, gizonak modu batean ala bestean bizitzera. Zer nolako bizimodua litzateke hori? “Dirua ala bizia” botatzen didan gobernu batekin topo egiterakoan, zer dela eta ibili beharko nintzateke dirua emateko irrikan? Estu eta larri dabil hura, beharbada, eta noraezean. Nik ez daukat laguntzerik. Berak lagundu beharko dio bere buruari, neuk egiten dudan bezala. Negarretan ibiltzeak ez du merezi. Ni ez naiz gizartearen makina ongi ibiltzearen arduraduna. Ez naiz ingeniariaren semea. Ezkurra eta gaztaina elkarren aldamenean erortzen direnean, ez da bata ernatu gabe gelditzen besteari lekua uztearren. Bakoitzak bere legeari jarraiki, ernatu, hazi eta ahal duen bezain eder loratzen dira, bestea, beharbada, itzalpetu eta suntsitzen duen arte. Landare batek ez badu bere izaeraren arabera bizitzerik, hil egiten da; baita gizona ere. Kartzelan igaro nuen gaua aski berria eta interesgarria izan zen. Sartu nintzenean, presoak jakak erantzirik solasean ari ziren atarian, ilunabarreko giroaz gozatzen. Baina kartzelariak orduan, “tira mutilok, ixteko ordua da”, esan zuen. Presoak sakabanatu ziren eta haien urratsen hotsa gela hutsetara itzultzen entzun nuen. Kartzelariak gelakidea aurkeztu zidan: “tipo jatorra eta azkarra” zela esan zuen. Atea itxi zuenean, kapela zintzilikatzeko tokia erakutsi zidan, baita han moldatzeko modua ere. Hilean behin gelak karez margotzen zituzten. Gurea, behintzat, ezin zuriagoa zen, altzariz apalena eta, ziurrenik, hiriko gelarik txukunena. Nongoa nintzen eta nolatan giltzapetu ninduten jakin nahi zuen hark, noski. Kontatu nion, eta, nire txanda heldu zenean, nolatan kartzelatu zuten galdetu nion, gizon zintzoa zela suposatzen bainuen eta, egun ere, hala zela uste dut. “Borda bat erretzea leporatu didate”, esan zidan, “baina nik ez dut halakorik egin”. Argitu ahal izan nuenez, ziurrenera mozkorturik sartuko zen bordan lotara, eta bertan pipa erretzen hasi..., eta horrela kiskaliko zen borda. Gizon argia zela zioen jendeak, epaiketaren zain hiru hilabete inguru pasata zituen han, eta beste horrenbeste itxaron beharko zuen. Eroso eta zoriontsu samar zegoen, ordea, ostatua doan zeukalako eta ongi artatzen zutela uste zuelako. Leiho batean jarri zen eta ni bestean, eta kartzelan luze egonez gero, zeregin nagusia leihotik begira egotea litzatekeela ikusi nuen. Berehala irakurri nituen han utzitako idazki guztiak, eta preso ohiek nondik egin izan zuten ihes aztertu zuen, eta barrote bat non zerratu zuten, eta gela hartan egondako hainbaten berri entzun nuen. Hemen ere, historia eta istorioak bazirela aurkitu nuen, espetxearen harresietatik at sekula igarotzen ez direnak. Hau da, ziurrenik, hiriko etxe bakarra non bertsoak idazten diren, ondoren barnean ibiltzeko paperean, baina sekula ez argitaratzeko. Bertsopaper luze bat erakutsi zidaten, gazte batzuk jarritako koplak: ihesaldi batean harrapatu zituzten eta bertsook abestuta hartzen zuten mendekua. Ahal bezain beste kontakizun atera nizkion kartzela-kideari, berriz ikusiko ez nuelakoan, baina, azkenean, nire ohea zein zen erakutsi zidan, eta argia amatatzera joateko utzi ninduen. Gaua han etzanda igarotzea herri urrun baten barrena bidaiatzea bezalakoa izan zen, sekula ikustea espero ez nuen moduko herrian. Hiriko erlojuaren kanpaia ordura arte entzun gabe neukala iruditu zitzaidan, ez eta kaleko gaueko zaratak ere; leihoak irekirik egin genuen lo, burdinsarearen barnealdean baitzeuden. Nire jaioterria Erdi Aroaren argitan ikustea bezalakoa izan zen, gure Concord Rhin ibaia bihurtua, eta zaldun zein gazteluak irudikatu nituen. Betiko hiritarren ahotsak ziren, ordea, kaleetan aditzen nituenak. Aldameneko ostatuaren sukaldean egiten zein esaten zenaren ikus-entzule nintzen, nahigabe, bai bizipen berri eta bitxia niretzat. Nire jaioterriaren hurbilagoko ikuspegia zen. Haren barne-barnean nengoen. Hango erakundeak ikusi gabe nituen ordura arte. Herriko erakunde berezietako bat da kartzela, eskualde-burua baita. Hango biztanleak zertan ari ziren ulertzen hasi nintzen. Goizean, ateko zulotik sartu zizkiguten gosariak, neurrian eginiko latorrizko ontzi karratu luzanga txikietan: barruan litro erdi txokolate, ogi beltza eta burdinazko koilara bat. Ontziak bueltan eskatu zituztenean, sobratutako ogia itzultzekotan izan nintzen, inozo halako! Lagunak hartu eta hura bazkarirako edo afarirako gorde behar nuela esan zidan. Luze gabe, inguruko zelai batean segan aritzeko utzi zuten kanporatzen, egunero bezala, eguerdian itzultzeko. Agurra luzatu zidan, ni berriz ikusiko ote ninduen zalantza zuela esanez. Askatu nindutenean, norbait tartean sartu eta zerga ordaindu baitzuen, ez nuen egunerokoan aldaketa handirik sumatu, gazte sartu eta buruzuri eta agure ateratzen denak ez bezala. Eta hala ere, nire irudiko, aldaketa handia gertatua zen hirian, Estatuan eta herrialdean, denbora hutsak sor dezakeena baino handiagoa. Are argiago ikusten nuen bizilekutzat nuen Estatua. Inguratzen ninduen jendea, auzo on edota adiskidetzat noraino nuen hartzerik ikusi nuen; haien adiskidetasuna jaiegunetarakoa soilik zela, zuzen jokatzeko asmo handirik ez zutela; nigandik berezitutako arraza ziren, haien aurreiritziak eta sineskeriak direla-eta, txinatarrak edo malaysiarrak bezala. Gizateriari egiten dioten sakrifiziotan arriskurik ez dutela, ondasunentzat sikiera ere; azken finean, horren noble ez zirela, lapurrak egindakoa lapurrari egiten baitzioten eta arimak salbatzea espero zuten kanpora begirako keinu batzuen eta otoitz bakan batzuen bidez zein noizean behin bide zuzen baina alferrikako batetik ibiltzearen bitartez. Auzoak gogor epaitzea izan daiteke hau, beharbada, uste baitut horietako asko ez direla jabetu ere egin euren herrian kartzela bezalako erakunde bat dutenaz. Ohitura zen antzina gure hirian, zordun gizagaixoren bat kartzelatik ateratzean, ezagunek hatzak gurutzatzea, espetxe leihoko burdinsarea irudikatzen, eta hatzetatik zeharka begiratuta agurtzea: “ze mouz?”. Nire herrikideek, ordea, ez ninduten horrela agurtu. Lehenbizi niri eta gero elkarri begiratzen zioten, bidaia luze batetik bueltan banentor bezala. Zapatariari konpontzeko utzitako oinetako baten bila nindoalarik atxilotu ninduten. Hurrengo goizean askatu nindutenean, mandatua bukatzera abiatu nintzen, eta, konponduriko zapata jantzita, ahabiak biltzera joatekoa zen talde batekin elkartu nintzen; nire gidaritzapean jartzeko irrikan ziren. Ordu erdi batean, zaldia azkar prestatu baitzuten, ahabi-soro baten erdian ginen, geure mendixka altuenetako batean, hiritik hiru kilometrora. Estatua ikusterik ez zegoen orduan inon. Hauek dira Nire kartzelak, kontakizun osoa. Ez diot errepide-zerga ordaintzeari sekula uko egin, meneko txarra bezain auzo ona izan nahi baitut. Eskolak sostengatzeko eta aberkideak hezteko dagokidana egiten ari naiz. Ez diot uko egiten zerga ordaintzeari zerga-agiriko atal zehatz batengatik. Estatuari leialtasuna ukatu nahi diot, besterik gabe, eta harengandik aldendu eta zinez libre bizi. Ez da nire ardura nire dolarra nora doan jarraitzea, jarraitzerik ahal banu ere, harik eta inori tiro egiteko fusila edo gizona erosten duen arte. Dolarra errugabea da, baina nire leialtasunaren ondorioen jarraipena egitea bada nire ardura. Izan ere, lasai deklaratzen diot gerra Estatuari, nire erara, hura ahal dudan bezala erabiltzen eta harengandik ahal adina abantaila ateratzen jarraituko badut ere, halakoetan ohikoa denez. Beste batzuek niri eskaturiko zerga ordaintzen badute, Estatua maite dutelako, dagoeneko euren kasuan eginikoa berretsi besterik ez dute egingo, edo hobeto esateko, Estatuak eskatu baino harago lagunduko dute bidegabekeria. Zerga ordaintzen badute zergapeturiko gizabanakoarenganako kezka erratuak bultzatuta, haren ondasuna salbatzeko, edota kartzelatzea saihesteko, alegia, hala egingo dute ongi hausnartu ez dutelako sentimendu pribatuek ongizate publikoa noraino kaltetzen duten. Hona, beraz, nire jarrera gaur. Halakoetan ezin duzu erneegi ibili, ordea, nahikeriak edota jendearen iritziekiko begirune desegokiak zeure ekinbidea baldintza ez dezaten. Ziurta ezazu zure buruarekin eta unearekin bat datorrena egiten ari zarela soilik. Batzuetan pentsatzen dut, hara! jende horrek asmo zuzenak ditu, ezjakinak besterik ez dira; nola jokatu jakinez gero, zuzenago ibiliko ziren. Orduan, zer dela eta bultzatu behar ditut nire auzoak ni tratatzera berez egingo ez luketen bezala? Berriz pentsatuz gero, ordea, hori ez da arrazoia nik haiek bezala jokatzeko, ez eta bidea emateko beste inork beste motako kalte handiago bat paira dezan. Berriro, zera esaten diot, batzuetan, neure buruari: hainbat milioi gizonek, sutu gabe, gaizkinahirik gabe, inongo sentipen pertsonalik gabe, txelin bakan batzuk eskatzen dizkizutenean, aukera eman gabe, euren konstituzioa dela-eta, eskaera atzera botatzeko edo aldatzeko eta zeure aldetik aukerarik izan gabe beste milioika gizoni laguntza eskatzeko, zer dela eta jarri beharko zenuke zeure burua indar basati ikaragarri horren pean? Ez diezu horren setati kontra egiten hotzari eta goseari, haizeei eta uhinei. Halako mila halabehar lasai asko onartzen dituzu. Ez duzu zeure burua sutara botatzen. Beste indar hura, ordea, indar basatia izateaz gain giza indarra ere badela iruditzen zait, eta uste dut baditudala harremanak milioika gizon horiekin, eta beste milioika gizonekin ere, eta ez soilik piztiekin eta bizigabeko gauzekin eta, horrexegatik, erreklamatzerik badagoela iruditzen zait, lehen-lehenik eta berehala haiek euren Sortzaileari, eta bigarrenik euren buruei. Burua apropos botatzen badut sutara, ordea, suari edo suaren sortzaileari erreklamatzerik ez dudala iruditzen zait, eta neu naiz errudun bakarra. Nire burua konbentzitzerik banu eskubidea dudala gizonen egungo izaerarekin pozik izateko eta haiek horren arabera tratatzeko eta ez, hainbat alorretan, haiekiko eta neure buruarekiko ditudan nahia eta itxaropenen arabera, orduan, musulman eta fatalista prestuak legez, egoerarekin kontentatzen saiatu eta jainkoaren nahia dela esan beharko nuke. Beste ezeren gainetik, indarkeria horri edo indar basati edo natural bati aurre egiterakoan dagoen aldea honakoa da: lehenari aurre egiterik badudala hein handi batean, baina ezin dut espero, harri, zuhaitz eta piztien izaera aldatzea, Orfeok aldatzen zituen bezala. Ez dut inongo gizon edo naziorekin ika-mikatan ibili nahi. Ez dut txikikeriatan ibili nahi, bereizketa sotilak egiten edota neure burua auzoen gainetik jarri. Haatik, herrialdearen legeen menpean jartzeko aitzakia baten bila nabilela esan dezaket. Horien menpean jartzeko prestuegi ere banago. Are gehiago, hori dela eta neure burua susmagarritzat jotzeko arrazoirik badut; urtero, zerga-biltzailea hurbiltzen zaidanean, gobernu orokorra eta Estatuko gobernuaren ekintzak eta jarrera zein herriaren izpiritua berriz aztertzeko prest aurkitzen dut neure burua, men egiteko aitzakia bat aurkitzearren. Gurasoak adina maite behar dugu herria; eta, sekula ere, gure maitasun edo ekintzak hari ohore egitetik urruntzen baditugu, ondorioak onartu behar ditugu eta arimari irakatsi kontzientziaren eta erlijioaren ikasgaia, ez eta aginte edo etekin nahia Estatuak aurki lan hori guztia eskuetatik kenduko didala uste dut, eta orduan ez naiz nire herrikideak baino abertzaleagoa izango. Ikuspuntu baxuago batetik ikusita, Konstituzioa, dituen akats guztiak izanda ere, oso ona da; legeak eta auzitegiak errespetagarriak ditugu oso; Estatu hau eta Ameriketako gobernu hau ere, hein handi batean, gauza miresgarri eta bitxiak ditugu oso; eskertzeko modukoak, askotxok deskribatu dituzten bezala. Baina ikuspuntu zertxobait garaiago batetik ikusita, nik deskribatu bezalakoak dira, eta ikuspuntu are garaiagotik, eta garaienetik, ikusita, nork esango luke zer diren, edota merezi ote duten aztertzea edo gogoan ibiltzea ere? Dena dela, ez nau gobernuak asko kezkatzen, eta ahal bezain gutxi ibiliko dut hura gogoan. Gobernuaren pean bizi ditudan uneak ez dira asko, mundu honetan ere. Gizon bat pentsaera askekoa, irudimen librekoa, bada, ez dena ez bazaio luzaroan badela iruditzen, ez dute inoiz gelditzerik izango agintari edo erreformatzaile okerrek. Badakit gizon gehienek nik ez bezala pentsatzen dutela; baina gai hau edo antzekoak aztertzea lanbide dutenek beste inork bezain gutxi konbentzitzen naute. Estatu-gizonei eta legegileei, erakundeen baitan erabat murgilduta egonik, ezinezkoa zaie hura argi eta garbi ikustea. Gizartea mugiarazteaz mintzo dira, baina handik at ez dute aterperik. Baliteke eskarmentu eta adimen handiko gizonak izatea, eta zalantzarik gabe sistema burutsuak eta erabilgarriak ere asmatu izan dituzte. Eskerrak ematen dizkiegu, bihotzez, horien guztiengatik. Baina gizon horien agudezia eta balioa oso zabalak ez diren mugen artean daude. Joera dute ahazteko mundua ez dutela politikak eta komenigarritasunak gobernatzen. Websterrek ez du sekula gobernuaren atzetik dagoena ikusi, eta hori dela-eta, ez du hartaz autoritatez mintzatzerik. Haren hitzak jakinduriaz beterikoak dira soilik dagoen gobernuan funtsezko aldaketa beharrik ikusten ez duten legegileentzat. Pentsalariarentzat, eta betiko legeak sortzen dituztenentzat, berriz, hark ez dio inoiz gaiaren funtsari heldu. Ezagutzen ditut gai hauei buruzko espekulazio bare eta argien bidez luze gabe Websterren adimenaren eta ahalmenaren mugak agerian utziko lituzketenak. Halere, erreformatzaile gehienen jardun merkeekin parekatuz gero, eta, oro har, politikarien jakintasun eta hitz-jario are merkeagoekin, Websterrenak ditugu hitz zuhur eta baliotsu bakarrak, eta eskerrak ematen dizkiogu Zeruari harengatik. Alderatuz gero, hura beti da indartsua, originala eta, batez ere, praktikoa. Halere, haren bereizgarria ez da jakintasuna, zuhurtzia baizik. Legegilearen egia ez da Egia, baizik eta koherentzia, edota komenientzia koherentea. Egia beti dator bat bere buruarekin, eta ez da nagusiki kezkatzen argitzeaz zer justizia izan daitekeen koherente oker jokatzearekin. Konstituzioaren Defendatzaile izena ongi merezi du hark, eta hala esan diote. Ukabilkadarik jotzen badu, defentsarako izango da. Ez da aitzindaria, jarraitzailea baizik. Haren aitzindariak 87ko gizonak dira. “Ez naiz sekula saiatu”, dio, “ezta saiatuko ere, ez dut inoiz saiorik babestu, ezta babestuko ere, Estatuak Batasunera ekarri zituen jatorrizko akordioa nahasteko”. Konstituzioak esklabotza legeztatzen duela gogoan duelarik, zera dio: “Jatorrizko itunaren atal bat denez, gorde dezagun”. Zorroztasun eta gaitasun berezia izan arren, ez da gai datu bat bere testuinguru politikotik ateratzeko eta adimenaren aurrean biluzik datzala aztertzeko: esaterako, egungo Amerika honetan gizon bati nola dagokion jokatzea, esklabotza dela eta. Hori egin beharrean, absolutuki eta gizabanako gisa mintzo dela adierazten badu ere, funsgabeko erantzuna ematera ausartzen da, edo horretara bultzatzen dute –eta, horretatik, zer nolako betebehar kode berria atera daiteke gizarterako? “Esklabotza nola arautu behar den”, dio, “hura ametitzen duten Estatuetako Gobernuen kontua da, boto-emaileen aurrean, jabegoaren, gizatasunaren eta zuzentasunaren lege orokorren aurrean eta Jainkoaren aitzinean erantzule direlarik. Gizatasun sentipenak edota beste edozein arrazoik bultzatuta beste inon sorturiko elkarteek ez dute horretan zeresanik. Niregandik ez dute inongo sostengurik jaso, ezta jasoko ere”. Egiaren iturbegi garbiagorik ezagutzen ez duten horiek, haren isuria gorago bilatu ez dutenek, alegia, Biblia eta Konstituzioan gelditu dira, zuhurki gelditu ere, eta errespetuz zein apaltasunez, handik edaten dute; baina ur xirripa aintzira honetara edo putzu hartara nondik heltzen den ikusten dutenek, kemena bildu eta erromesaldia jarraitzen dute iturbegirantz. Ameriketan ez da legegintzarako jeinuz jantziriko gizonik agertu. Urri dira munduaren historian. Badira milaka hizlari, politikari eta hitz ederreko gizon; baina gaur egungo arazo gatazkatsuak konpontzeko gai den mintzalari batek ere ez du oraindik ahoa zabaldu. Elokuentzia elokuentziarengatik maite dugu eta ez, adieraz dezakeen egiagatik edota susta dezakeen heroitasunagatik. Gure legegileek ez dute oraindik ikasi librekanbioa eta askatasuna, batasuna eta zuzentasuna zein baliotsuak diren nazio batentzat. Ez dute jeinu edota talenturik konparazioz apalak diren gaientzako: zerga eta finantzarako, merkataritzarako, industria eta nekazaritzarako. Kongresuko legegileen mintzatzeko trebetasuna izango balitz gure gidaritza bakarra, eta herriaren eskarmentu egokiaren eta kexu eraginkorrek zuzenduko ez balute, Amerikak ez lioke luzaroan eutsiko nazioen artean duen postuari. Orain dela mila eta zortziehun urte idatzi zuten Testamendu Berria, beharbada esateko eskubiderik ez badut ere; non da, ordea, legegintzaren zientziarako isurtzen duen argiaz baliatzeko behar adinako jakituria eta trebetasun praktikoa duen legegilea? Neure burua Gobernuaren autoritatearen menpean jartzeko irrikan naiz, nik baino gehiago dakiten eta trebeago diren horiek gogotsu obedituko baititut, eta, gauza askotan, hainbeste ez dakiten edo horren iaio ez diren beste horiek ere bai. Autoritate hori, ordea, ez da garbia oraindik: guztiz zuzena izateko, gobernatuen baimena eta onarpena behar du. Nire pertsona eta ondasunen gain ezin du hark inongo eskubiderik izan, nik emandakoaz aparte. Monarkia absolututik mugatura dagoen aurrerapena, eta monarkia mugatutik demokraziara, gizabanakoarekiko zinezko errespeturantz eginiko aurrerapena da. Filosofo txinatarra ere behar bezain jakintsua izan zen gizabanakoa inperioaren oinarritzat hartzeko. Demokrazia al da, ezagutzen dugun moduko demokrazia, alegia, gobernugintzan egin daitekeen azken hobekuntza? Ezin al da giza eskubideen ezagupen zein antolaketarantz beste aurrerapausorik egin? Estatu zinez aske eta ilustraturik ez da izango harik eta Estatuak gizabanakoa indar garaiagotzat eta independentetzat onartzen eta gizabanakoarengandik indar eta autoritate oro datozkiola ametitzen eta horren arabera tratatzen duen arte. Plazer hartzen dut irudikatzen azkenean gizon guztiekiko zuzen izaten lortuko lukeen Estatua, gizabanakoa auzo gisa, begirunez, tratatuko duena; bere lasaitasunaren kontrakotzat hartuko ez lukeena gizon bakan batzuk harengandik aparte, harekin nahastu gabe, haren baitatik at bizitzea, betiere, auzoen eta hurkoen betebehar guztiak konplituko zituzketen gizonak. Halako fruiturik eman eta heldu ahala erortzen utziko zukeen Estatuak bidea prestatuko zion Estatu are perfektuago eta bikainago bati. Azken hau ere imajinatu dut, baina ez dut inon ikusi oraindik. Hitzatzea: Thoreauren inguruan MARKOS ZAPIAIN idazle eta filosofoa da (Irun, Gipuzkoa, 1963). Besteak beste, artikulu bildumak argitaratu ditu -Errua eta Maitasuna (2002)- zein saiakerak -Zenbait Terrorista (2003), Ia guztiaren funtsaz (2006), Txillardegi eta ziminoa (2007)-. Paperean argitaratu duen azken lana Talatik tiroka da (2009). Luisma Urkizari Deleuzek zioenez, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) nazio-gatazkak immigratze unibertsalaren bidez konpondu zituzten (Marxen ustez proletarizatze unibertsalak klase-desberdintasunak gaindituko zituen bezalaxe). AEBetako hiritar ugari europar iraganera begira bizi da, Las Vegasen Koliseoaren eta Partenoiaren kopiak dituzte. Aldiz, Thoreauk azpimarratu zuen AEBek badutela iragana, europarra baino miresgarriagoa: indiarrak. New Yorketik Mendebaldera begiratu beharrean, Paris, Erroma eta Atenasera, hobe Ekialdera jo, indiarren lurraldeetara. Hauen kultura benetakoagoa zitzaion gurea baino, lurrean eta haizean sustraituagoa. Jarri zibilizatua eta jarri indiarra, basamortuan edo oihanean, zein orientatuko ote den hobeki. Elikadura osasuntsuagoa zuten, kolesterolik ez. Ausarkiago egiten zioten aurre oinazeari. AEB zibilizatua indiarren genozidioaren gainean eraiki zen, eta Thoreauk ez zuen inoiz ahaztu, bere garaian inork aintzat hartzen ez zuen arren. AEBetako etorkin zuriek aspaldi akabatu zituzten indiarrak. Baina gaur egun oraindik ezikusia egiten diote haien edozein aztarna eta oroitzapeni. Michel Onfrayk idatzi du ederkien Thoreauri buruz1, berari ostu dizkiot aitzinsolas honetako ideia guztiak. Onfrayk kontatu du badela New Yorken mundu osoko arte indigena jasotzen duen museo erraldoi bikain bat, Metropolitan Museum delakoa, bost kontinenteetako edozein bazterretako obrak aurki ditzakezu bertan, baina ez daukate Ipar Amerikako indiarren pieza bakar bat ere. Era berean, europarrok nekez sartzen dugu amerikarren bat Filosofiaren Historian. Thoreau, gehienez ere, literaturgile gisa dugu ezagun (Albert Sánchez-Piñolen iturri nagusietako bat da, indiarretik franko zuten Kafka eta Henry Miller-ekin batera). Are eskandalagarriago, Thoreau filosofoak nahiago ditu indiarra, egurgilea eta brahmana, pizgarriagoak baitziazkio bizimodu libre bat asmatzeko orduan, Platon, San Agustin eta Kant baino (inoiz ez ditu aipatzen). Thoreauk ez zuen natura bere bulegoan eserita goraipatzen; aitzitik, harreman fisiko ezin hurbilagoa zeukan harekin: hegal galduaren edo belar izpiaren xehetasunak aztertzen zituen, oihaneko aldaketak neurtu eta idatziz jaso, zuhaitzera igo habia begiratzera… Naturak irakasgai ugari dauzka gordean; gozatu egiten zuen Thoreauk gordeleku horietan barneratzen, eta sekretu horiek gidari hartuta saiatu zen bere bizimodu filosofiko librea asmatzen. Ezinezkoa zitzaion ordea nortasun eta bizimodu libre hori zibilizazio industrialean gauzatzea. Umearengan naturaren presentzia eta kulturaren absentzia maite zuen. Natura kontrakultura gisa erabili zuen. Natura ezeztatuz eraiki baitugu gure zibilizazioa, bietako batera hurbiltzeak bestetik urrutiratzea dakar. Edonola ere, soilik naturak senda gaitzake kulturatik. Gure kulturak makina motordun bilakarazi gaitu, dirua dugu errege, ezertarako balio ez duten trasteak erosteko grinak itsutzen gaitu, borondatez onartzen dugu bizimodu esklaboa (ordutegi zitalak, besteak beste), gure arteko harremanak penagarriak dira, ametsik gabeko bizimodu zekena eta etsipen otzana dira nagusi. Thoreauk ez du etsiko, eta naturarekin bat eginda sortutako bizitza bikain baten bila ibiliko da. Thoreaurentzat, Indarkeriarik gabeko 500 ekintza liburuko hitzaurrean Mabel Cañadak idatzi duenaren aurka2, ez gara libre sorkuraz, askatasuna ez dagokigu berez, asmatu beharra dago, sortu. Nork bere moduan: Thoreauren jarraitzaile izatea ez da basoan txabola eraiki eta bertan bakartzea, egunero lau orduko ibilaldia eta aintzira izoztuko bainua errepikatzea, baizik nork bere ahalmenak eta askatasuna ahal bezain sakonki eta ederki mamitzeko moduko bizimodua bilatzea, inertzia gorabehera, normaltzat jotzen dena eta bestek zugandik espero duena gorabehera. BIZITZA David Henry Thoreau 1817ko uztailaren 17an jaio zen, Concorden, Bostondik iparralderantz, Kanadako mugatik hurbil. 2.000 biztanle zituen orduan. Oihan, muino, arboladi, erreka eta aintzirek inguratzen dute herrixka, natura zoragarriak. Thoreauren haurtzaroa txango, ibilaldi, kanoa, belar biltze eta bainuek edertu zuten. Txabolak eraiki, zuhaitzetara igo, behin zuhaitz puntan zango artetik mundua nola ageri den begiratu, arrantza… Haurtzaroko askatasun hori iraunarazi nahia nabari da Thoreauren filosofian, baserri giroko ume askok sentitu izan duten oztopo gabezia eta libertate basatia du Thoreau helduak ere helburu. Helduaroan ere bere gisa bizi nahiko baitu, helduen mundu modernoa mespretxatu eta gorrotatu egingo du. Bere bizialdi ia osoan misantropo gogorra izan zen. Guraso filantropoak zituen haatik, abolizionistak, etxean militanteak ez ezik esklabo iheslariak ere hartzen zituztenak. Kanadan debeku zen esklabotza eta iheslariek AEBetatik Kanadara jotzen zuten. Bidean, abolizionista batzuek lagundu egiten zieten, etxean ezkutatuz, jaten emanez… Thoreauk ez zuen gogoko gurasoen etxean horrenbeste jende ibiltzea atzera eta aurrera. Abegikortasuna kritikatu egin zuen, bere betixutasuna azpimarratu. Ikasketei dagokienez, txikitandik atera zituen nota bikainak. Oso gazte hasi zen grekeratik eta latinetik ingelesera itzultzen. Hala ere, maiz egiten zuen eskolatik piper anaia Johnekin, eta mendira joaten ziren benetan ikastera. Gero, lau urte eman zituen Harvardeko unibertsitate ospetsuan, eta hogei urte zeuzkala ikasketa-amaierako hitzaldia idatzi zuen: Garai modernoetako espiritu komertziala eta bere eragina nazio baten izaera politiko, moral eta literarioaren gain. Bertan aurki daitezke bere gai nagusi batzuk: espiritu komertzialarenganako gorrotoa, dirua jainkotzearen eta mekanizazioaren kritika eta idolo moderno horien aurkako erresistentziaren goraipatzea. Thoreau “David Henry” bataiatu zuten, baina berak ordena aldatu eta “Henry David” bilakarazi zuen. Ez zuen jasotako deus bere horretan onartu nahi, izena bezala bizitza ere berak aukeratua eta asmatua nahi izan zuen. Oso gazte zela ekin zion “Egunkari” bat idazteari. 20 urte geroago amaituko zuen: 14 liburuki. Bertan oharrak jaso zituen, hitzaldien zirriborroak, liburuen iruzkinak, aldarte-aldaketak eta sentimenduak, gogoetak, belar biltzeak… (Thoreau beti zebilen belarra biltzen, txapelapean zeraman, mikroskopioz aztertzen zuen.) Dena den, Thoreaurentzat idaztearen funtsezko xedea bere burua hobeki ezagutzea eta horrenbestez libreago bizitzea zen, liburua eratzeaz batera bere burua ere egituratzea. Maisu jarri zen Concordeko eskola publikoan, baina ez zituen ikasleen aurkako zigor fisikoak onartu eta dimisioa eman zuen. Hurrengo urtean eskola bat ireki zuen anaiarekin batera, eta pedagogia naturazale libertario bat erabili zuten: mendira irteerak goizalban; belarra, zuhaitzak, errekak eta animaliak ezagutu eta aztertu, ilunabarra gozatu; zigor fisikorik ez… Ikasleek esku hartze aktiboa zuten zigorgintzan eta diziplina-prozesuan. 1839an anaiarekin kanoan ibiltzera abiatu zen aste beterako, Merrimack ibaian barrena. Liburu txiki polit batean jasoko zuen gerora egun haien berri. Anaia hil ondoren, ordurako laguntzen hasia zitzaion Emerson filosofo transzendentalista ospetsuak New Yorkera bidali zuen Thoreau, haren ilobaren tutore; literatur munduan izen bat egitera ere bultzatu zuen. Zortzi hilabete eman zituen New Yorken. Behin Concordera itzulitakoan, aurkakotasun teoriko garbi bat ezarri zuen: New York zibilizazioa da, lilura faltsua eta itxurakeria, aurrerapen teknologikoaren erlijioa, bankaria, sal-eroslea eta kazetaria, hitzontzikeria; aldiz, Concord natura da, benetakotasuna, bizimodu filosofiko eta jakintsua, indiarra, egurgilea eta nekazaria, isiltasun argia. TXABOLA ETA ESPETXEA Thoreauren bizitza osotik bi gertaera iritsi zaizkigu oroz lehen, bi ekintza nabarmendu izan dira: batetik, bere eskuez txabola txiki bat eraiki zuela basoko txoko batean, Walden aintziraren aldamenean, eta bertan bakartuta bizi izan zela. Bestetik, zergak ordaintzeari uko egiteagatik espetxeratu zutela. Kartzelaldi hau dugu hain zuzen Desobedientzia zibila testuaren sorburu. 1845ean ekin zion Thoreauk, Emerson filosofoaren lur eremu batean, Walden lakuaren ertzean, txabola bat eraikitzeari. Txabola aintzira ondoan ez zuen jaso soilik praktikotasunari begira. Thoreauren haurtzaroan gurasoek maiz aldatzen zuten bizilekuz. Behin batean, Thoreauk lauzpabost urte zeuzkala, Bostondik Concordera joan ziren. Baso-zelaiak zeharkatu zituzten, Walden aintzira ingurukoak. Liluratuta gelditu zen Thoreau umea. Bestalde, amonaren lorategitik erreka bat abiatzen zen, Merrimack ibaira zihoana, eta Merrimack horrek inguruko lakuak ureztatzen ditu, Walden barne. Hain zuzen, anaia hil berriarekin Merrimack eta inguruko ibaietan egin zituen kanoa-txangoak. Alegia, txoko hura toki zehatz bat ez ezik Thoreauren ume-ametsetako paisaia zoragarria ere bazen. Proustek biziki gustuko zituen Thoreauren obra eta jarrera. Thoreauk Walden aintzira hondorik gabe irudikatzen du, ur sarrera eta irteera barik, mitologiko, betiereko. Bekatuak garbitzeko ura omen du. “Egunkaria”n aintziraren kolore mugagabeen aldaketa eta ñabardurak jaso zituen, baita ur-mailaren igoera-jaitsierak, piztiaren arnasaldiak bailiran. Thoreau egunero-egunero bainatzen zen bertan, nahiz ikaragarri hotza izaten den maiz. Jelatuta zegoenean etzan egiten zen biluzik izotz-plakaren gainean. Psikoanalista batzuek amaren altzora itzuli nahi amorratua sumatu dute ohitura horretan. Txabola txikia zen: 3 bider 4,5 metro, 13 metro koadro. Altzari soil batzuk zeuzkan eta tximinia; kanpoan baratzea. Walden edo bizitza basatiaz liburuak eragin handia izan zuen hippiengan. 80ko hamarraldian hondarribiar bat baino gehiago bakartu zen Jaizkibel inguruan Thoreau eredu. Baina Thoreauren bakarraldia idealizatu eta esajeratu egin da. Azken batean, 1845eko uztailaren 4tik (AEBen Independentzia eguna) 1847ko iraila arte baino ez zen bizi izan bertan, 26 hilabetez. Gainera, bi egunean behin Concordera joaten zen, filosofo transzendentalisten bileretara, amatxok prestaturiko anoaren bila…; eta txabolan nekazariak hartzen zituen, baso-mutilak, filosofoak, bidaiariak, esklabo iheslariak… Hori bai, ez zituen hiru aulki baizik, egundo ez zuen taldea eta jendetza gustuko izan. Lagunen bisita atsegin zuen, baina atseginago bisita eza. Thoreauk, bere bizitza goitik behera jasotzen duten 14 liburukietan, ez zuen inoiz maitemindu zenik jasotzen, ia ez da emakumerik ageri, ama bera ere ez. Aldiz, sentimendu ilun bat erakusten du, gizonik miserableena izateagatik errua, baina sekretua sekula ez dela argituko abisatuz... Zenbait berezilarik masturbatzaile porrokatu izateari egotzi dio aldarte goibel hori. Oihartzunaz ere behin baino gehiagotan mintzo da: horrek ere masturbatzaile zoro izan zela erakutsiko omen luke, azken batean bai oihartzunean eta bai onanismoan ez baitzara zure mugetatik irteten, ez diozu gorputza edo ahotsa besteri eskaintzen, harreman osoa gelditzen da norberarenean. Maitasunezko laudorio bat ez emakume bati baizik eta bigantxa bati egin zion Thoreauk, biziki sakona, biziki hunkitu eta erotikoa. Hain zuzen, Thoreau “taureau” da, “toro”, zezen; lacaniano batzuen ustez, gure izenak, izenaren esanahiak, gure joerak baldintzatzen ditu, oharkabean bada ere: ezinbestez maitemindu behar, zezenak bigantxaz. Espetxealdiari dagokionez, gau bakarra eman zuen barruan. Waldenen bizi zela, 1846an, Concordeko zapatagilearengana zihoala poliziak geldiarazi eta espetxeratu zuen, ez baitzuen ordaintzen gobernuak esklabotzari eusteko eta Mexikoren aurkako gerra elikatzeko erabiltzen zuen bere zergen zatia. Ezaguna zuen kartzelaria: fidantza ordaindu nahi izan zion berehala, baina Thoreauk ez zion utzi, espetxera nahi zuen. Biharamunean bertan ezezagun batek fidantza ordaindu eta Thoreau askatu egin zuten. Zenbait biografok uste du Thoreauren izeko bat izan zela. Azkenik, bere zapata berreskuratu eta mendira joan zen, ahabiak biltzera (oso ona ei da ahabia ikusmena bizkortzeko). 1849an argitaratuko zen espetxeratze hori abiapuntu izan zuen gure Desobedientzia zibila. Txabola utzita Waldenetik Concordera itzuli ondoren, lanbide apalen bitartez bizi izan zen: etxeak pintatu, lorategiak zaindu, lurra neurtu, aitari arkatzagintzan lagundu… Bere buruarentzako askatasuna sortu, hori nahi izan zuen beti: lan finkorik ez, kontsumoa funtsezkora mugatu, alferrikakoa zeharo ezabatu, loturak ekar ditzaketen emazte, ume edo sendirik ez, ezta adiskide inbaditzailerik ere: ahal bezain libre bizitzeko antolatu zuen bizimodua. Biografoek, hala ere, haustura bat nabarmendu dute Thoreauren bizitzan, politizatze gogor batek bizi izan baitzuen azkeneko urteetan. Ziaboga hori Anthony Burnsen eta John Brownen kasuek erabaki zuten. Burns esklabo iheslari bat zen. Bostonen atxilotu zuten. Abolizionistek bere fidantza ordaindu zuten arren espetxean atxiki zuten. Protesta-manifestazioa zapaltzeko lanetan zebilen polizia bat hil egin zen. Haserre, Estatuak lege berri bat aldarrikatu zuen, AEBetako hiritarra esklabo iheslariak salatzera behartuz. Thoreauk ezin izan zuen jasan eta abolizionisten alde engaiatu zen. Orduan, aurreko bizimodu filosofikoa, txabolan bakartuta eta naturarekin bat eginik bere buruaren bila, interesik eta baliorik gabekotzat jo zuen. John Brown kapitain bat zen, zuria, abolizionista, dozena bat militanterekin batera komando bat osatu zuena. Brownek hitzaldi bat eman zuen Concorden 1857an; Emerson eta Thoreau entzuleen artean zeuden. Behin batean, Kansasen, Brownek esklabotzaren aldeko bost lagun garbitu zituen. Beste batean, Virginian, Brown armategi batez jabetu zen, esklaboak armez hornitzeko asmoz. Berehala harrapatu zuten ordea, espetxeratu eta urkatu. Thoreauk 1859an John Brown kapitainaren aldeko alegatua idatzi eta Concordeko enparantza batean ozenki irakurri zuen. Urte hartan bertan John Brownen martiritza argitaratu zuen. Eta 1860an John Brownen azken egunak. 1854an, Walden argitaratu zuen urtean, tuberkulosia harrapatu zuen. Hiltzera zihoala jakinda, bere liburuen argitalpena apailatu zuen. Uko egin zien analgesikoei: une guztiak sakonki bizi nahi izan zituen, azkenekoak barne. 1862ko maiatzaren 6an hil zen, 44 urte zituela. BIZIMODU XIXTRINETIK ASKATZEN HASTEKO Thoreauk bizimodu filosofiko bat mamitzeko bide bat erakutsi digu, berea. Gizarte industrialaren eta modernitatearen kritika du oinarri. Lehen aipatu dugu Thoreauk Harvarden 20 urte zituela idatzi zuen hitzaldia: “Garai modernoetako espiritu komertziala eta bere eragina nazio baten izaera politiko, moral eta literarioaren gain”. Bere obra osoaren ernamuina dugu. Bertan dioenez, gure garaia teknikarien garaia da, ingeniari, bankari eta merkatariena, eta horrek bizimodu sakon eta ederretik urrutiratzen gaitu. Thoreauk ez ditu hiriak gogoko, ez sosa, ez salerosketa, ez industria; nahiago du landa, basoa, buruaskitasun naturala. Kontsumoak eta aberasteak gidaturiko ekoizpena zentzugabea iruditzen zaio eta maiz identifikatzen du filosofia “bizimodu-ekonomiarekin”: era soilean bizitzeko behar duguna ekoiztera behar dugu mugatu, horixe da ezinbestekoa den lan bakarra. Thoreauk ezagunak zituen John Adolphus Etzlerren ikuspuntuak, utopista ekologista teknofilo bati dagozkionak: aurrerapen teknikoak lanaldia murriztea ahalbidetuko digu, orobat sufrimendua; teknikari esker lorategi eta paradisu bilakarazi ahalko dugu gure Lur hau... Thoreau ere ekologista duzu, baina teknofoboa: ez dugu puntako teknologiak saltzen dizkigun aparailuen zinezko beharrik; hegazkinek, igogailuek, hirietako argiteria artifizialak ez gaituzte barrutik hobetzen; industria-iraultzak ez gaitu zoriontsuago egingo, alderantziz baizik. Nolanahi ere, Thoreauk ez du federik inongo iraultza orokorretan, indibiduo zehatzen erreforma moral eta espirituala zaio iraultza ernai eta egingarri bakarra, ez baititu aintzakotzat hartzen gizabanako partikularrak baino. Thoreaurentzat bizimodu xixtrina da gurean nagusi. Gizartea, politika zein Estatua, kontrako eztarrian gelditu zaigun okela ustela dira, goitika eginarazten diguna. Erdipurdiko bizitza tentelak bizi ditugu, konformitate koldarraren menpeko. Ondo begiratuz gero, “lasaitasun” deritzoguna ez baita desesperazioa baizik. Bizimodu xixtrin honek balio faltsuen bila bultzatzen gaitu: dirua, ohoreak, agintea, jabetza, ospea. Era berean, kontsumo-gizarteak dakartzan bizio eta gurpil zoroetan katramilatzen gaitu: apeta, erosi, poseditu, kontsumitu, aspertu, ostera ere apeta… Xixtrinak gara orobat besteekiko harremanetan, itxura hutsean eta axalkerian amilduak baititugu harreman horiek: irribarre hipokritaren azpiko gorroto lehiakorra, zapatu gauetako mozkor tristea, hitzontzikeria eta ergelkeria hutsala… Oro har, bere buruarekin harreman sakonak ez dituenarena da bizimodu xixtrina. Putzutik irteten hasteko ez da txarra filosofia. Thoreauk, haatik, filosofia-irakasle franko dugula dio, baina filosofo bakar bat ere ez. Filosofo izatea ez baita gogoeta korapilatsu eta sotilak adieraztea, ezta filosofia-eskolak sortzea ere, baizik jakinduria maitatzea eta honen araberako bizimodu sinple eta independentea mamitzea; eta bizitzak dakartzan arazoen arteko batzuk konponbidean jartzea, ez soilik teorian, praktikan baino. Ezin da akademiara mugatu filosofia, egunerokora behar da ekarri: alegia, bizitza pentsatu eta pentsamendua bizi. Bide egokiaren bila, botika eupeptiko bat errezetatzen digu Thoreauk, bizitzaren digestioa ederki eramateko pilula filosofiko batzuk. Aurrena, bizitze hutsak dakarren atseginaz gozatzen ikasi beharra dago, egunsenti bakoitzaren distira berriagatik zure burua zoriondu. Gainera, zure baitako muzinaren eta laiotzaren etengabeko azpilanari aurre egin behar diozu, zorion eta gozamen-nahi sendo baten bidez. Zoriona eraiki egin behar baita, ez zaigu berez etortzen. Ordea, gure gizarteotan ez gara gure buruaren jabe, makina bilakarazten gaituzte; Thoreauk, aitzitik, jabetza hori beharrezkotzat jotzen du, alienazioa gainditu beharra dago, zure burua behar duzu zure bizitzaren erdigunean kokatu, ez, ohi bezala, aberastasuna, lana edota prestigioa. Halakoen bila gabiltzala galtzen baitugu bizitza, oharkabean joaten zaizkigu egunik ederrenak. Etorkizunerako uzten dugu beti benetako bizitza, halako batean hiltzen garen arte, ia beti itxarondako etorkizun hori heldu baino lehen. Thoreaurentzat, ez dago nork bere burua asmatu eta eraikitzea beste biderik, bizimodu osasuntsu, neurritsu eta soila sortzea besterik. Erromatarren “otium”ak, aisialdiak, behar luke nagusi. Ikasi beharko genuke, halaber, negatiboan onuragarria bilatzen, hasiera batean kaltegarri zaigunaren irudiarekin lan egiten, harik eta atsegin bilakatuko zaigun arte, estoikoek erakutsitako bidetik. Thoreauk bere bizitzan hainbat bider asmatu zuen lehen begiratuan zalantzarik gabeko zoritxartzat jo beharrekoa azkenik atsegin-iturri gisa gozatzen. Esaterako, Desobedientzia zibila-n kontatzen digun espetxealdia Concord eta mundua begi berriez maitatzeko akuilu bihurtu zuen. Beste behin, lagun batekin oihanean zela, janaria erretzeko sua piztu, inguruko adaxka batzuk hartu eta zabaldu egin zen ustekabean, istripu larria; baina Thoreau eta laguna muino batera igo eta suzko paisaia bikain batez gozatzeko aukera gisa aprobetxatu zuten, zuhaizti kiskalien jabeek ez bezala ziur aski. Haratustela eta sarraskia bizitzaren garaipen gisa ikusarazten zizkion bere buruari. Eta bere eguneroko ibilaldia oztopatzen zion ekaitza, ostera, bedeinkazio moduan naturarentzat. Azkenik, hilzorian zela, bizitzako une trinkoak inoiz baino sakonkiago sentitzeko bultzada sumatu zuen, eta, esan bezala, uko egin zien analgesikoei, agoniari dagozkion uneak goitik behera bizi nahi izan baitzituen, agoniaren sentsazioak poliki nabaritu. Sentsazio horiek bizitzari lotuz gero, hilzoria eta agonia bigarren mailan gelditzen dira. Ez da pentsatu behar “hil behar dut”, heriotza etorkizunari baitagokio eta ez dugu zertan etorkizunaz itsutu; baizik eta “bizirik nago oraindik”: horrek orainaldia oparitzen baitizu, bizia sentitzeko eta gozatzeko aukera luzatu. Thoreaurentzat bizitza ospakizun alai bat da funtsean, jai handi maitagarri bat. ASKATZEN JARRAITZEKO BOST GOGO-JARDUN Thoreauk zure burua estatua gisa zizelkatzera akuilatzen zaitu, eta bost gogo-jardun proposatuko dizkizu barne estatua ederra xede, lotura barik eta libre bizitzea xede: zure burua aztertu eta ezagutzea; ametsak bizitzea; bizitza maitatzea; bizimodua sinpletzea; eta gorputz perfektu bat eratzea. Banan-banan aztertuko ditugu. Hawaira goaz oporretan, aurki ilargira, baina hurbilen duguna, gure burua, ez dugu ezagutzen. Emersonek zioen bidaiatzea tentelen paradisua dela. Thoreaurentzat kanpoko munduranzko norabidea beharrean gure baitara daramana behar dugu jorratu, gure baitako kontinente ezezagunen Kristobal Kolon bilakatu, gure barruko mapetan ezkutuan datzana desestali, gure bihotzeko alde ilunak argitu, horiek erabakitzen baitute sarritan egun argiko gure jokabidea. Bestalde, zuhurtzia estu batek oinak lurrean finkatzeko agintzen digun arren, Thoreauk ukatu egingo du gure desirak errealitatetzat hartzeari ukoa, zibilizazio modernoan gailen, eta gure ametsengana abiatzera gonbidatuko gaitu, irudimenaren alde egingo du argiki eta garbiki. Aurrena, airean eraiki behar dira gazteluak, asmo liluragarriak egikaritu; soilik ondoren etorriko da zeruko gazteluari oinarri bat emateko lana. Amaieratik hasi beharra dago, eta hasieran amaitu. “Errealitate” deitua bigarren mailan utz dezakegu. Naturak gure bitartez sortzen dituen ametsei konfiantza osoz eman behar diegu bide, normaltasun sozialak ezartzen dizkigun mugak gorabehera. Hirugarrenik, Thoreauk bizitza maitatzeko aholkatzen dizu. Ez du gustuko kristauen zenbait jarrera: jatorrizko bekatua, sufrimendua bertutetzat hartzeko masokismoa. Uste du gure ohiturak, santuekiko harremanen ondorioz, usteldu egin direla, martirologioak-eta mina bertute gisa saldu baitigute. Konfiantza eduki behar duzu zaren animaliarengan, naturak zuregan dioena aintzat hartu. Eliza jende txepel eta odolbakoak osatutako nahaste-borraste bat iruditzen zaio, eta apaizak, berriz, gonak janzten dituzten emagizonak, pentsamendurik ederrenak gonapean dauzkatenak. Koruen kantua Elizan baino ederragoa ei da igelena basatzetan. Thoreauk maila berean ipintzen ditu Biblia, Homero eta Shakespeare, Yahve eta Thor, Jesus eta Zoroastro. Guztiak goraipatzen ditu. Baina gogor joko du Elizaren zenbait inplikazio politikoren aurka: kasu, esklabotza iraunarazteko tema. Thoreauk gorroto du filantropia, ez du hurkoa maitatzeko agindu kristaua maite, ongintzak eta errukiak injustizia iraunarazten omen baitute: erremusina emateak, adibidez, txiroa laguntzara ohitzea dakar. Errukiak ezabatu beharreko sistema iraunarazten du. Dena den, sistema ere ez zaio larregi axola. Anarkistek ez bezala, Thoreauk iraultza espirituala laudatzen du, gizabanako bakoitzarena: ez gara gizateria salbatzera etorri, baizik bizimodu filosofiko indibidual bat asmatzera. Laugarren gogo-jardunak gure bizitza sinpletzea dakar, bizilekua, janzkera, elikadura eta zereginak arintzea. Thoreauk dioenez, bizitza irabazteko ahaleginaren ahaleginez, azkenean galdu egiten dugu: dauzkagun gauzek lotuta gauzkate, gure jabetza eragozpen zaigu eta traba, gure menpekoen menpeko baikara. Bizimodu sinpleak libreago egiten gaitu. Aurrena, bizilekua sinpletu: ahal bezain soila izan dadila, apaingarririk ez. Antzina bezala, eguraldi txarretik eta piztiengandik babesteko aski eta kito. Horixe bilatu zuen Thoreauk Waldengo txabolan. Bestalde, nork bere etxea eraikitzea litzateke komenigarriena. Eskolan irakatsi beharko ligukete etxea egiten, ezdeuskeriak irakatsi beharrean; horrela ez ginateke beti hipoteken eta alokairuen menpe biziko. Hurrena, janzkera ere sinpletu beharko genuke: janztea eguraldiaren erasoetatik babesteko balio baitu, eta lotsariak estaltzeko. Aski genuke soineko sinple, funtzional, erabilgarri, iraunkor eta merkea. Arropa zaharra ahal bezain luzaro erabili beharko genuke, adabakiak eta edonolako konponketak lagun. Moda perbertsio barregarri bat da, eta modaren arabera janztea zure burua kako-altzari edo pertxerotzat hartzea. Gure gizarte txotxoloak gaizki hartzen du “desegoki” janzten den pertsona, edo usain naturala dariona; ondo, berriz, zornea darion arima zikina. Hirugarrenik, elikadura sinpletu: jateak galdutako indarra berreskuratzea du xede nagusi; beraz, modu sinple, osasungarri eta merkean jan dezakegu, baratzea erabiliz, nork bere garia erein eta ogia eginez… Eskura dauzkagu, halaber, arrantza, ehiza, uzta bilketa. Apeta garestia eta mizkinkeria baztertu beharrekoak dira. Azukrea, esaterako, beterrabak dakar berez; dena den, azukrerik gabe ere bizi gintezke. Kafea, tea eta alkohola, alferrikako pizgarriak zaizkio; aski dugu ura. Okela ere ez zaio beharrezko Thoreauri. Ez da barazkijale peto, baina badu joera. Thoreauren elikadura-aszesia egoki kokatzen da bere bizi-aszesi orokorrean. Laugarren, zereginak sinpletu: bizimodu korapilatsuak baitakartza asperdura, kezka, tristura, melankolia, depresioa eta larridura. Diruari begira lan egiten dugunez, lan gehiegi egiten dugu. Zinez ezinbesteko zaiguna ekoizteko baizik ez bagenu lan egingo, nahikoa genuke astean lan-egun bakarra. Gainerako seiak, atseden. Aisialdia indartu behar genuke, natura sakonkiago bizi ahal izateko: maizago ibili (lau orduko ibilaldia egiten zuen Thoreauk egunero); gogoeta eta kontenplalaritzari denbora luzea eman (orduak eta orduak igarotzen zituen naturari begira estasian). Bestalde, irakurri bai, komeni da, baina ez literatura zibilizatua, baizik basatia, bizitzako arazo gordinak arakatzen dituen literatura: Homero, Eskilo, Shakespeare… Ez dira hamar liburu baino gehiago behar, baina denak ondo aukeratuak eta onak, eta ez literatura entretenigarria, edo ihes egitekoa, baizik norberaren bizimodua libreago bilakarazten laguntzen duena. Egunkariak saihestu behar dira: oso gogor epaitzen ditu Thoreauk kazetariak, salbuespen gutxi batzuk gorabehera. AEB gobernatzen duten tirano berriak direla dio, gizakion alderik zitalena pizten omen dute. Kazetariek ez dute idazten ordaintzen dietenek irakurri nahi dutena baizik, eta desinformazioaren bidez nazioaren iritzia formateatzen dute. Tenteldu egiten dute irakurlea txutxumutxuen eta zurrumurruen bidez. Garrantzi handiegia ematen diote gertaerari, ez dakarte behar bezalako analisirik. Eta behin-behinekoan dabiltza beti plisti-plasta, irauten duenaz ezaxola; baina, ia dena errepikatzen denez, atzoko eta biharko egunkariak ez dira batere desberdinak. Labur: egunkari-irakurlea bere goitikinera itzultzen den zakurraren antzekoa da. Bosgarren gogo-jardunak gorputzaren perfekzioa ahalbidetuko digu. Aurreko lau gogo-jardunen bitartez sinpletasuna, arintasuna eta neurritasuna lortzen da, gorputz osasuntsu, garbi eta aratza; hortaz, arima akasgabea ere bai. Horrela, Thoreauren jakintsua ez da ez hotzaren beldur, ez beroaren edota euritearen beldur. Gose-egarriek ere ez dute izutzen, ezta asperdurak edo basoan galtzeak ere, edota tristurak, etsipenak eta angustiak. Libre da, libertario bat izan daiteke, loturatik gabe bizi eta aske. Heldu da Estatuari desobeditzeko ordua. LIBERTARIO Michel Onfrayk uste du Thoreau libertario bat izan zela. “Littré” hiztegiko definizioari ondo egokitzen zaio Thoreauren aiurria: libertarioa “askatasun indibiduala mugatzea inolaz ere onartzen ez duena da, ez gizarte kontuetan, ez politikan.” Nola jokatzen du libertarioak bere buruarekin, besteekin, munduarekin? Beregain duzu Thoreauren jakintsua, gai da bakarrik bizitzeko, badaki bere buruaz pozten, ez ditu besteak behar. Azken batean, besteren zoriona ez dut neuk sentitzen, gehienez ere horren lekuko izan ninteke, baina bakoitzak bere aldetik gozatzen du. Hagineko mina ere, nork berea. Bakarrik egiten dugu amets. Eta inor ezin da nire ordez hil. Gure bakardadea metafisikoa dela onartu beharra dago; baina libertarioak maite ere egiten du bakardade hori. Lagunen bisitekin, esan bezala, Thoreau pozik; bisitarik gabe, pozago. Besteekiko harremanari dagokionez, izan ere, gizakioi trikuari neguan bezalaxe gertatzen baitzaigu: hurbilegi, elkarri eztena sartu, nahi gabe ere elkar zauritu; urrutiegi, berriz, erabateko bakardadean, inolako komunikaziorik gabe, hotzak hiltzen gaitu. Libertarioa distantzia egokia aurkitzen saiatzen da. Munduak, azkenik, ez dio ardura Thoreauri. Mundu osoaren deuseztea zuzenean ikusi ahal izateko ez luke alboko kale-kantoira joateko lanik ere hartuko. Are, munduaren suntsitzea eragoztea bere esku balego, ez omen luke egingo. Bestalde, Thoreau libertarioari pairagaitz zaio otzantasuna, domestikotasuna, bai abereengan eta bai gizakiengan, piztia basatiak basati behar du eta patetikoa da otsoa etxabere bilakaraztea. Hiriak patologia indibidual eta kolektiboak eragiten ditu; naturarekin harremanik ez izateak enkoniadura eta goibelaldia dakar. Aitzitik, naturak bakea eta sosegua pizten ditu. Naturaren baretasuna ezagutu dutenek sekula ez dute etsipena, tirania edo menpekotasun espiritual zein politikoa sorrarazi. Thoreauren gisako libertarioak bizimodu soila bilatzen du: ez lanik, ez sendirik, ez aberririk; ez inoren ez ezeren menpeko; joan, etorri, alde egin, gura legez: inori azalpenik eman behar ez; ez obeditu, baina ezta gidatu ere, dizipulurik eta eskolarik ez; dagokizun unean bizi eta zure denboraren jabe izan; harremanak, soilik nahi duzunarekin eta, nahi izatean, harremana eten; zure naturari entzun, zure joerak bete, zure baitako bizi indarrak nahi duena onartu; eta ametsak bizi, bizitza amestu, arte-lan bilakarazi. Edozein gisaz, Thoreauk bere buruari bezperako iritzien kontrakoei eusteko askatasuna ere ematen dio, libertateak zure atzoko usteen menpean ez bizitzea eskatzen baitu. Eta zenbait berezilariren ustez, Thoreauren azken urteetako jarrera politikoa filantropikotzat jo liteke, Walden-en nabari den misantropiaren aurkakotzat. Gogora dezagun konbertsio antzeko hori Anthony Burns eta John Brownen aferek erabaki zutela: gobernuak lege bat aldarrikatu zuen esklabo iheslariak salatzera behartuz eta Thoreauk hori Estatuaren gerra-aldarrikapen gisa hartu zuen beraren aurka (aurretik ere iheslariak lagunduak zituen eta bere etxean aboliziozaleen batzarrak eginak… “misantropo” deitu garaian!). Estatuaren erabaki doilor horrek bere onetik atera zuen, naturaren ikuskizunaz patxadaz gozatzea eragotzi, txangoak eta hausnarketak arranguratu… DESOBEDIENTZIA ZIBILAZ Michel Onfrayk dioenez libertario bat izan zen Thoreau, bai, baina ez anarkista. Ez zuen proiektu komunitario, komunista, berdinzale edota sozialistarik. Ez zuen iraultza politikoan sinesten, baizik iraultza espiritualean. Anarkistek eta liberalek ez bezala, ez zuen Estatua abolitzeko militatu. Zerga jakin batzuk ez zituen ordaintzen, baina ez zuen zergen sistema arbuiatu. Hiritar zintzotzat zuen bere burua, gustura ordaintzen zituen herri-bideak egin ahal izateko zergak. Esklabotza eta Mexikoren aurkako gerra sendotzeko zergak ordaindu beharra izan zen inolaz ere onartu ez zuena, eta horrexeri egin zion zehazki uko. Thoreau ez dator bat anarkisten baikortasun ireniko aingerutarrarekin, ez du uste Iraultza Handiaren ostean gizakia hobetuko denik, jabetza pribatua deusezteak jelosia ere desagerraraziko duenik; aldiz, libertario pragmatiko gisa dihardu. Estatuaren kontra borrokatuko da baina ez beti eta nonahi, Estatuaren ideia absolutuaren aurka, soilik Estatua gizabanakoaren bizimoduari poxelu zaion heinean. Libertarioak badaki Estatuak ez duela definizioz askatasuna trabatzen; zenbaitetan babestu eta bermatu ere, egin dezakeela. Anarkismoaren katekesian nekez kabitzen da halakorik. Sosegu filosofikoa aztoratu ziolako ekin zion beraz Thoreauk Estatuaren aurkako indarkeriarik gabeko borrokari. Gizabanako gisa galarazi zioten patxada berreskuratzeko asmoz murgildu zen politikan. Bere bizitzako azken urteak eman zizkion, batez ere azkeneko zortziak, turbekulosiak jo ostekoak. Desobedientzia zibila 1849an argitaratu zen. Oso laburra da, filosofia politikoko beste maisulan batzuk bezala (Borondatezko morrontzaren diskurtsoa, Printzea, Alderdi Komunistaren Manifestua). Onfrayk dioenez, Walden etikari zaiona zaio Desobedientzia zibila politikari. Liburuko lehenbiziko ideiaren arabera, gobernurik onena gutxien gobernatzen duena da; eta gobernu perfektua bat ere gobernatuko ez lukeena litzateke. Bestalde, gobernuek agintea ezartzen dute ez zilegizkoak direlako, baizik eta indarraren jabe direlako, Weber-ek “indarraren monopolio” deituko zuenaren jabe, armadaren, epaitegien, espetxeen eta polizien jabe. Thoreauri erantzun geniezaioke egoera demokratiko batean gobernuari hauteskunde garbiek zilegitasuna ematen diotela; Thoreauk ihardukiko zigukeen Estatuaren funtsa, edozein gisaz, ez dela zilegitasun hori, baizik indarra, polizia eta legea ezartzeko bide irmo eta bulartsuak. Printzea-n Machiavellik politikariari aholkatu zion helburu politikoa lortzeko lehoi bortitz zein azeri maltzur bilaka zedila, komenentziaren arabera; nolanahi ere, politika, proiektu politikoa, Italiaren batasuna, etikaren gainetik jarri zuen; Thoreauk, ostera, aurrena etika jarriko du, gero politika. Zuzentzat duzuna egizu; ez duzuna, aldiz, legala izan arren, ez egin. Legeren bat ez bazaizu morala iruditzen, ez ezazu bete, ez obeditu lege inmoralei, kontzientzia legearen gainetik baitago, eta lehenago gara gizaki hiritar baino. Jarrera honen aurka gure artean Arantxa Azurzak eta Joseba Arregik jo izan dute. Bi-biek aldarrikatzen dute legea edozein kasutan bete beharra, eta, bidegabetzat joz gero, adostasunean eta gehiengoetan oinarrituta aldatu beharra. Kristautasunari estu loturiko heziketa nozitu dute, eta baliteke horregatik agertzea beren ikuspuntuan legea aura sakratu antzeko batez apaindurik. Thoreau ez zegokeen ados. Eta, Thoreauren jarrerak, Azurza eta Arregirenak ez bezala, faxismoaren aurkako erresistentzia ahalbidetzen du: nazien eta Vichykoen lege antisemitak legezkoak ziren, baina erresistentziak zorionez ez zituen etikotzat onartu eta borrokatu egin zituen. Gaur egun Frantzian lege-agindu bat aldarrikatu nahi omen dute, hiritarra paperik gabeko etorkinak salatzera behartzeko; aise irudika liteke Thoreauri zer irudituko zitzaiokeen eta zer jarrera hartuko zukeen. Desobedientzia zibila-k dakarren beste ideia interesgarri bat: bidegabekeriaren eta injustiziaren laguntzaile bilakatzen zara, ez badituzu salatzen, ez bazara haiek abolitzeko borrokatzen. Maila berean jartzen ditu Thoreauk lege zitalen bultzatzaileak eta lege horien aurka ezer egiten ez duten hiritarrak, lege bidegabeak desaktibatzen edo oztopatzen ahalegintzen ez direnak: erantzule, kolaboratzaile eta errudun. Thoreauk gainera azpimarratzen du Estatuak automatikoki etsaitzat jotzen duela obeditu aurretik bere kabuz zalantzatzen eta hausnartzen duen edonor. Eta ez dago arrazoi egokirik esklabotza aldezten duen gobernu bat deusetan ere onartzeko. Errepideak eta eskolak xarmanki egin ditzake gobernu horrek, baina badira bete beharreko gutxienekoak. Ezin da inondik inora bat egin esklabismoa zilegitzen duen Estatuarekin. Kontzesiorik ez. Thoreaurentzat, ongi da esklabotza amai dadin eskatzea, manifestuak izenpetuz eta abar. Baina are zuzenagoa da intsumisioa, desobedientziazko ekintza; esaterako, zergak ez ordaintzea. Lege bidegabeak ez dira bete behar, bistan da; eta, gobernu bidegabearen aurkako kontrabotererik eragingarriena, gizabanakoen ekintza da. Estatuaren injustiziaren aurka borrokatzeko ez duzu Alderdiak zer egin erabaki arte itxaron behar, edo zure taldexkak. Ez duzu zertan Iraultza Handiaren zain egon, baizik eta zerorrek, gizabanako zehatz horrek, orain bertan egin beharko zenuke zerbait, albait arinen iharduki. Egia bada ere lan guztia ezin duzula zeuk bakarrik egin, zerbait egin beharko zenuke lehenbailehen. Gutxi garateke hasieran; baina, Thoreauren ustez, gutxiengoa garaitezina dateke, bidegabekeria eragoztera serioski deliberatzen delarik.Talde txikiek ondorio handiak ekar ditzakete, blokeoa erabakimenez bilatzen dutelarik. Ez duzu gehiengorik behar erabakigarri bilakatu ahal izateko; gutxiengo batek Estatua eragotzi dezake: bidea Estatuari aurre egiteko elkartzea da, intsumisoen antzera sareak eratzea, Onfrayk “Lilliput-hastapen” deritzonaren arabera, Gulliver erraldoia sareztaduran harrapatu eta ibilgetzea lortu zuten txikerren omenez. Behin desobedientzia hedatuz gero, Estatuak ezingo dituenez desobedientzialari guztiak espetxeratu, bere burua amore ematera derrigortua ikusiko du, makurtu egingo da azkenean. Eta, Estatuak atzera egin eta borroka uzten duenean, iraultza egina dago, iraultza baketsua. Tolstoi, Luther King, Gandhi, Sabino Ormazabal eta Jose Bovék Thoreauren maisutza aitortu dute. Thoreauren pentsamenduek ondorio nabarmenak izan dituzte historian eta gizabanako askoren jokabidean. Maiz amaitzen du desobedientzialariak espetxean itxirik. Adibidez, militarren aurkako Bovéren ekintzek lau hilabete igaroarazi zizkioten presondegian; McDonald’sen aurkakoek, berriz, hiru hilabete. Azkenik, Bovérentzat, transgenikoak badira legalak, baina bere etikak ez dio bidezkotzat hartzea baimentzen, eta, horrenbestez, bere buruari transgeniko-plantazioak erretzea zilegitu zion, ondorioz presondegia pairatu beharko zuela jakin arren, zigor-kode frantziarrak ekintza kriminaltzat jotzen baitu. Oraingo honetan hamar hilabete barruan. Emerson espetxera joan omen zitzaion bisitan Thoreauri, eta galdetu zion: “Baina zer dela-eta zaude zu hemen?” eta Thoreauk erantzun: “Eta zer dela-eta ez zaude zu hemen?” Alegia, zinez harrigarria, bere burua zintzotzat duenak legedia injustuari beste barik men egitea da. Borrokak espetxeratzea badakar, espetxera. Norbera gainera, bizilaguna zertan ote dabilen jakin guran ibili gabe. Desobedientzia zibila eragingarria izaten da maiz, eta, besteak beste, Espainiak derrigorrezko soldadutzari dagokionez eta Frantziak transgenikoen aferan atzera egin eta jarrera aldatu behar izan dute. Luther King eta Gandhik ere arrakasta lortu zuten. Hori bai, asasinatu egin zituzten biak. Markos Zapiain Oharrak [←1] Michel Onfray, ‘Contre-histoire de la philosophie’-ko seigarren liburukia: ‘Les radicalités existentie- lles’, ‘Henry David Thoreau et “le bonheur parfait”’Grasset, Paris, 2009, 43-175 orr. [←2] ‘Indarkeriarik gabeko 500 ekintza’, Manu Robles-Arangiz Institutua, Bilbo, 2009, 7 or.
booktegi.eus berria.eus ONINTZA ENBEITA Birari bueltaka Artikuluak Artikulu hauek Berriak plazatatu zituen. AURKIBIDEA Librea denaz Arrastoa Nor nork Xuhur eta zuhur Tradizioa Agurrak Alardea Vuelta bueltaka Kukutza Kukutza II Memoria Bidesaria Hogei urte Jende armatua Hamar urte Parte hartzeaz Lanbidea Animaliak Lerro artean Biktimak Zigorra Arriskua Pisua Kitatu Sinetsi Progresiboki Donetteak Geroa Sarri eta ni Besteak Azeria Hurbil Amantalak Telebista Kontuak Iparra Egun arrunta Dietak Barkamena Zahartzaroa Gorbata Trukea Bakearen bila Trofeoak Osteguna Kontatzea Lezioa Ona Berriro hasi Txarrak Goxo Astelehena Loreak Biharamuna Txertatzen Binaka Migrazioak Neurriak Ohikoa Aitortzak Arazoa Badoaz Egunak Etxean Galderak Autolesioak Eskuburdinak Lorrina Hausnarketa A-20 Zenbaketak Muxuak Ez da sinplea Eskuliburua Egun alu hau Estralurtarrak Aukerak Krisia Humanizatu Gutaz Diktadoreak Egun bat Ezin ahaztu Liburu bat Durango Durango II Psikopatak Gelditu Durango III 'Señora' Oharkabean Ahaztu Argazkia Errelatoa Finala Ezberdina Birusak Normalak Probabilitatea Gutuna Aitortza Erlijioa Arrakasta Baldea Balantzea Misilak Damu naiz Bidea Egin dezagun Itsosupetekoa Ama Izenak Okela Ama II Erralde Burgesia Txillardegi Domeka Dominak Ume hilak Kritikoak Dioguna Min Borobila Karratua Printzesak Zaintza Borroka Radarra Erantzunak Doilorrak Elurra Munduan Meritua Sasoia Bateraezina Naturala Inhabilitazioa Murriztu Zapaldua San Balendin Zerbitzua Gazteluak Mozorroa Momentuak Harresiak Egunkaria Amodioa Jaio Hil Lehentasunak Isiltasuna Frikiak Harriak Azalpenak Hiru milioi Grabaketa Ni naiz Erreferenteak Lekua Gaur eta beti Kolektiboa Etxekoandreak Pasatu da Nork ulertu? Euskal Herrira Akabo Erlijioa Jateaz Iparra Geltokiak Negarra Amerikanoak Gaitasunak Udaberria Borobilean Bidaiak Jo eta hil Eskubidea Martxoak 31 Liburutegian Maketoak Lotsa Beldurra Gurutziltzatu Aberria Zelofana Indarkeria Politizatzeaz Haizetan Errepublika Titanic Elefanteak Ulertezina Ihes Zezenak Bertsioak Memoria Isilean Kanpora Sarraskia Lekukoak Pena Desberdinak Langileak Gora Adierazpena Dotore Modernoak Bizkargi Lehortea Sinpleak Ahaztuta Aldartea Lehendakaria Etxeko lanak San Isidro Denborak Gaixotasuna Eroak Kristorena Txinatarrak Alkatea Txapelketak Jakintza Balioaz Zentzua Zaila Zergatia Harremanak Txikiak Gizon bat Gabardina Gutuna Librea denaz 2011-09-01 Iruñean bota zuten txupina, Baionan bota zituzten giltzak udaletxeko balkoitik, Donostian bota zuten kanoikada eta Bilbora etorri zen Marijaia. Badirudi baina, batzuentzat, jaien hasiera baino zerbait gehiago ekartzen dutela kanoiak, Marijaiak edo eta giltzek. Batzuek pentsatzen dute behin kanoikadak jo eta gero astebetean dena libre dela, edo Marijaia Bilbon den artean bururatzen zaien guztia egin dezaketela; askok usteko dute txupina bota eta «gaixoa ni» kantatu bitartean kontsumitzen duten alkoholak edo dena delakoak dena justifikatzen duela, baina ez; dena ez da libre. Iruñean hiru sexu eraso salatu dituzte, Baionan bi eta Donostian bat. Bilbon, hiru eraso homofobo salatu dituzte gau bakarrean. Jaiak izan arren, odolean alkohola zein bestelako substantziak izan arren, dena ez da libre. Denok edo gehienok desfasatu gara inoiz burua galtzeraino, baina gehienok ez dugu ezetz esan digulako edo gure aukera sexual berdina egin ez duelako ondokoa jipoitzen edo gurekin sexu harremanak izatera behartzen. Horregatik uste dut jaiak horretarako aprobetxatzen dituenak urteko beste edozein egunetan ere gauza bera egingo lukeela. Arrastoa 2011-09-02 Alhambran bere izena idazten harrapatu dute militar jordaniarra, eta atxilotu egin dute. Karlos V.aren jauregiko horma batean idatzi nahi izan zuen izena, baina turista batzuek ikusi egin zuten; haiek guardiei abisatu zieten, eta guardiek atxilotu egin zuten. Tontakeria dirudien zera hori ondarearen kontrako ekintza da, eta urte betetik hiru urte bitarteko kartzela zigorra jaso dezake. Garesti aterako zaio Sevillan zituen egitekoetatik tarte bat hartu eta Granadara joatea, baina leku guztietan arrastoa utzi behar hori, leku guztietako arrastoa batu behar hori, ez dut ulertzen. Chichen Itzara joan nintzenean esan zidaten ezin dela piramidearen gailurrera igo; antza denez, turistek eramandako harri pusketen ondorioz, eskailerak ez daude ondo. Zertarako behar ote du jendeak Chichen Itzako harri pusketa bat gau mahaiaren gainean? Zertarako balio du ez dakit nongo horma zahar batean Onintza Enbeita hemen egon zenidazteak? Besteei erakusteko argazkiak edo lagunei kontatzeko abenturak bizi nahi izaten ditugu goazen leku guztietan, eta, azkenean, benetako arrastoa, leku bakoitzaren esentzia, usaindu ere egin gabe itzultzen gara etxera. Nor nork 2011-09-03 Badira hogei urte ezkondu nintzela; eta egun bat gutxiago damutu zitzaidala. Ez da egunik igaro harrezkero senarrak jipoitu ez nauenik, edo burua makurtzeraino oihu egin ez didanik. Batzuek esango dute ezkondu aurretik igarri behar niola, beste batzuek esango dute ez nuela hainbeste aguantatu behar, baina esango dutenak berdin dio; hogei urte eman ditut burumakur, kolpeak nondik etorriko. Azkenean, neure buruarengan federik ere ez nuenean, ukabilarekin mahaia jo dut. Nire borreroari distantzia jarri dio epaileak: ezin du nire kalera, lanera, ondora etorri. Nik ez dut ezer sinesten: edozein momentutan etorri egingo da. Lanera noanean edo lanetik natorrenean, Ertzaintzaren auto bat etortzen da nirekin. Inork ez dit ezer galdetzen, baina denek begiratzen didate. Lotsatu egiten naiz. Iluntzean, telebistan ikusten dut nola orain arte politikariak zaintzen egon diren bizkartzainek nire moduko emakumeak zaintzeko eskaini duten euren burua. Ez dakit zer egin: barre edo negar. Bizitza izorratu didana ez du inork zaintzen niregana hurbildu ez dadin, eta nik, orain artean gutxi jasan izan banu bezala, ezin dut orain ere bizitza normalik egin. Xuhur eta zuhur 2011-09-04 Arratiako tranbia hartzen zuen egunero Bilbora joateko, eta kobratzailea pasatzen zenean egunero ematen zion paperezko diru handia. Kobratzaileak ez zuen kanbiorik izaten, eta joan-etorri osoa egiten zuen ezer ordaindu gabe, egunero diru-paper berbera erakutsiz. Beste guztiek haserre begiratzen zioten arren, kobratzaile lelo hark ez zion inoiz ezer esaten, eta berak soldatari bidaiaren gastua kendu gabe amaitzen zuen hilabetea. Kobratzailea, ordea, ez zen bera bezain xuhurra, baina bai zuhurra. Mendekua astiro prestatu zuen. Guztiek barre egiten zioten arren, traje xalauaren barruan harro zegoen, bazekielako azken barre egiten duenak lasaiago egiten duela barre; ozenago. Goiz batean, eguneroko moduan, tranbian sartu zen delako gizon hori, eta eguneroko moduan begira gelditu zitzaizkion denak. Etorri zen kobratzailea, eta, tenis partida bat balitz bezala, kobratzailearengandik bidaiariarengana eta bidaiariarengandik kobratzailearengana joan ibili begiak. Atera zuen bidaiariak diru-papera eta kobratzaileak hartu egin zion. Ez hori bakarrik, bere zorrotik errealez betetako poltsatxoa atera, eta bueltak eman zizkion: «Eutsi bueltei, hemendik aurrera zegaz ordaindu eduki dezazun!». Tradizioa 2011-09-06 Ez zait iruditzen tradizioak ezer justifikatzen duenik. Tradizioa gauza ederra da zerbait ona denean, baina tradizioak daukan gauzarik onena da, txarra denean edo kalte egiten duenean, aldatu egin daitekeela. Ez dago inongo liburutan idatzita tradizioak ezin direnik aldatu. Euskal Herrian zezenzale amorratu asko dauden arren, ez dut uste tradizio zaharra izateak zezenketa bera justifikatzen duenik. Nire ustez, eta berriro diot, ni neure ustez, zezenketak torturaren erakusketa publiko txalotua dira. Zezenketak espainiartasunarekin lotzen ditugunez, ohikoa da euskaldun asko zezenketen kontra egotea, baina geure adibideetan, tradiziora mugatzen gara. Nik ez ditut animaliak bereziki maite; baina badira, oso geureak izanda ere, aldatu beharko genituzkeen gauza batzuk. Badira urte batzuk Lekeitioko antzaren jokoan erabiltzeko gomazko antzarak sortu zirela; ez dira inoiz erabili. Ez dira oso tradizionalak izango gomazko antzarak, baina egin zituztenean, hegaztien gripe garaian, esaten zen benetakoen antzekoak zirela. Gure tradizioan ere dena ez da ondo egin, eta bizi ditugun sasoiotan, ez diot zentzu handirik hartzen antzarak jolaserako hiltzeari. Agurrak 2011-09-07 Gure aitita lastategitik erori zen, eta, ospitalera joan aurretik, amama eta etxeko hiru ilobak estu-estu besarkatu gintuen. Autoan zihoala atzera begira joan zen etxea bistatik galdu zuen arte. Ez zen etxera itzuli, ospitalean hil zen. Beste aititak ez zuen heriotza goxoa izan. Azken egunetan hitzik ere ezin zuen egin, baina seme-alaba eta iloba guztiak agurtu arte, ez zen joan. Bostekoa eman zidan azkenengoz ikusi nuenean. Egia da Gantza (konfiantza onartzen badidazu), jendeari helduta hil nahi izaten dugula, eta ahal dugunean azken mezua uzten saiatzen garela; irakurri orduko aitita bien irudia etorri zitzaidan. Inportantea da joan aurretik agur esatea gelditzen garenontzat zein joaten direnentzat; nahiz eta hil ondoren kontzientzian kargarik izan ez. Gerora jakin dut gorpua baino leku gehiago bete zutela aitita bien hilkutxetan gordeta joan ziren sekretuek; baina agur egin zigutenean, azken besarkada edo bostekoa eman zigutenean, ez genuen irudipen hori izan, eta lasaiago hil ziren. Ganoraz agur egiteak, azken mezuak dioena baino gehiago ezkutatu arren, zentzua ematen dio heriotzari, eta heriotzak zentzua badu, bizitzak berak ere badu. Alardea 2011-09-08 Ni ez naiz Hondarribikoa, eta batzuentzat aitzakia nahikoa da alardeari buruz ezer esan ez dezadan. Dena den, Hondarribiko tabernetan ere esango zen zerbait Gaddafiri buruz azken egunetan, eta hondarribiarrak ez dira libiarrak. Lur labainkorra da alardea, eta ez azpian Txingudiko hezeguneak daudelako bakarrik. Agian, ez da korrektoa esatea, desfile militarra izaki, alardea egiteak ez duela zentzu handirik. Edozelan ere, egiten bada, eta egiten da, guztiek izan behar dute parte hartzeko eskubidea. Hamabost urte dira gaur lehenengo emakumeak Hondarribiko alardean sartu zirela, eta harrezkero edozer jasan behar izaten dute: lagunek agurra ukatzea, senarra konpainiatik bidaltzea, plastiko beltza jartzea haiek pasatzean... Herrizaingo Sailak entseguetarako ibilbidea aldatu egin die aurten. Batzuen ustez arazoaren muina direnak baztertu egin dituzte berriz ere; baina arazoa ez da Jaizkibel konpainiarena. Jaizkibel ez da alarde parekidea bultzatzen duen feminista koadrila bat, ez. Jaizkibel da, nire begietara behintzat, alarde logiko bakarra aldarrikatzen duen taldea. Eta besteak, XXI. mendean oraindik emakumerik onartu nahi ez dutenak dira alarde baztertzailea egiten dutenak. Vuelta bueltaka 2011-09-09 Gaur ez dago erraz Bilbora sartzen bizikletaz ez doanarentzat; Vuelta Bilbora iritsi da. Grazia egiten dit. Espainiarrik espainiarrenek Euskal Herria ez dela esaten dute: dena da Espainia. Euskal Herriaren kontzeptua asmatua dela argudiatzen dute gure kontra, baina kontua da ez direla konturatzen Espainia ez dela Euskal Herria baino askoz zaharragoa kontzeptu gisa. Gure amak oraindik Castilla la Vieja eta Castilla la Nueva kantatzen ditu umetako lezioa gogoratzerakoan, eta haiek sinetsarazi nahi digute Leon beti izan dela. Espainia osoa da asmatutako zera politiko handi eta aske bat, diotenez. Orain, hau Espainia denez, Vueltaren buelta honaino etorri da. Ahal dutenero esplikatzen digute Euskal Herririk ez dela. Bandera hori-gorriz jantziko dute Bilbo txirrindulariak buelta-bueltaka non dabiltzan ikus dezagun, eta esango digute hau Espainia denez logikoa dela Vuelta hemendik pasatzea. Espainiarrak gara, eta Espainian txirrindulari onak egon dira beti; animatu ditzagun. Ahaztu gabe Bilbon, Donostian edo Iruñean jaiotako txirrindulari oro espainiarra dela. Espainiarekin buelta-bueltaka beti. Nago Espainia hainbestetan aldarrikatu behar horrek ez ote duen erakusten Espainiarik ez dela. Kukutza 2011-09-10 Kukuek beste txori batzuen habian jartzen dituzte arrautzak, eta gero ospa egiten dute. Ez dute habia propiorik egiten, normalean, baina maite ditugu kukuak. Maitasun-gorroto harreman arraroa daukate baserritarrek kukuarekin: ez da txori maitatua inoren habia baliatzen duena, baina noiz kantatu zain egoten dira udaberriro patrikan dirua hartuta. Izan ere, kukuak kantatzen duenean poltsikoan dirua izateak urte osorako aberastasuna ekartzen du. Antzina bizkaitarrentzat kantabriarrak izaten ziren kukuak: euren seme-alabak soldaduskarik eta erregearentzat zerbitzurik egin ez zezaten Bizkaian izaten zituzten umeak Kantabriako emakumeek. Bizkaitarrek aspaldi ez zuten soldaduska egin beharrik izaten hidalgotza unibertsalari esker, eta Bizkaian jaiotako guztiak nobleak zirenez, Bizkaian jaiotako kantabriarrek ez zuten soldaduskarik egiten. Baina, harrezkero, nobleak ez diren hainbat gizon-emakume jaio dira Bizkaian, eta Bilboko kukurik maitatuenak arriskuan daude. Hutsik zegoen habia batean sartu ziren, eta ospa egin beharrean proiektu oso bat eraiki zuten bertan; eta orain, bota egin nahi dute habia. Baten batek dirua aterako du Kukutza bota ondoren, baina eraikitzen dituzten etxe guztiek batera ere ezingo dute gorde Kukutzako horma bakar batek gordetzen duen beste amets. Kukutza II 2011-09-11 Ametsak dituenak edonon garatu ditzake. Pentsatzen dut Bilboko Udalak Kukutza botatzeko baimena eman eta gero, gertatzen dena gertatzen dela, Kukutzako espiritua beste nonbait gauzatuko dela. Ia ziur dakit Kukutzatik botako dituztenek beste leku bat bilatuko dutela, eta aurkitu orduko lanean hasiko direla gogo biziz. Hala ere, eta ilusioak norbere barruan dirauen arren, zaila da hutsetik hastea. Gure bizitzetako alor guztietan da zaila hastea, eta are gehiago halako proiektu soziokulturalari buruz ari garenean. Gauzak ez dira egun batetik bestera eraikitzen, eta Errekaldeko Gaztetxearen barruan urte askotako lana dago: liburutegia, rokodromoa, flamenko eskola, arte martzialen gela, zirkua, eskulanak egiteko tailerra… hori guztia, ordea, ez dago hor hasieratik, landu egin dute, eta bakoitza arduratu da bere lekua sortzeaz, txukuntzeaz eta mimatzeaz. Orain, hori guztia hobetzen eta proiektu berriak sortzen erabili beharko luketen indarra, hutsetik hasten erabili beharko dutela ematen du. Ez dute oraindik Kukutza bota, eta ez dut gorpua ikusi aurretik hiletarik egingo. Baina badakit, Bilboko Udalak eman berri duen baimenak zer esan nahi duen: EAJk ez duela herriak herriarentzat egindako proiekturik nahi, baldin eta beti-betikoek etekinik ezin badute atera. Memoria 2011-09-13 Urdaibaik Kontxako Bandera irabazi du, eta asko poztu naiz. Badakit beste kirolari batzuen aldean, esker txarreko ordu asko sartu behar izaten dituztela arraunlariek, eta ez naizenez Bermeotik urrunekoa, poza hartu dut bandera jasotzen ikusi ditudanean; iaz ere berdin poztu nintzen. Gogoan dut Elorrion bertso saioa neukala, eta etxeratzean, Jose Luis Kortari egindako elkarrizketa entzun nuela Euskadi Irratian. Harritu egin ninduen oriotarraren tonuak eta bere akusazioaren segurtasunak. Sekulako astrapala sortu zen, eta hurrengo egunean Urdaibaiko ordezkariak agertu ziren medioetan Kortaren kontrako salaketa jarriko zutela esanez. Kortaren jarrera lotsagarria iruditu zitzaidan orduan, eta berdin pentsatzen dut orain. Dena den, uste dut ez dela ahaztu behar Izortz Zabala, bermeotarra, Astilleroko patroia zenean gertatu zena. Astilleroko traineruak Kontxako Bandera irabazi zuenean, antzerako salaketak egin zitzaizkien arraunlariei, eta bandera eskuan zuela Bermeora arraunean etorri zenean, Izortz Zabalak pankarta desatsegina aurkitu zuen bere herrian Astillero Pastillero leloarekin. Mila zorion, Urdaibai, eta balio bezate egin eta hartutako minek etorkizunean zuzenago jokatzeko. Bidesaria 2011-09-14 Bizitza honetan gauza askotarako ordaindu behar izaten dugu bidesaria, dirutan ez bada ere: lana gustatzen zaigunean etxetik urrun izaten dugu, lana etxetik hurbil dugunean gutxiago ordaintzen digute, lantalde jatorrena daukagunean ez gaitu lanak betetzen, soldatarik onena daukagunean muturrak baino ez ditugu ikusten zortzi orduz... Hegoaldeko saihesbidea Euskal Herrian inoiz egin den azpiegiturarik garestiena da (AHTarekin batera). Herritar bakoitzari zenbat diru kosta zaigun kontuan izanda, orduak eta dirua aurreztu beharko genituzke Arrigorriagatik Santurtzira, baina ez; ez da hala izango. Ez dugu ordurik aurreztuko —lehendik ere ez delako hain tarte luzea— eta ez da doakoa izango. Garraiolariek Txorierriko saihesbidea erabiltzen jarraituko omen dute, ez dagoelako bidesaririk eta ez dutelako hainbeste denbora galtzen. Bidesari hau ere, Artxandako tuneletakoaren moduan, geuk ordaindu beharko dugu. Ez gara ziurrenez hegoaldeko saihesbidean asko ibiliko, baina bidesaritan ordaintzen ez duguna zergekin ordainduko dugu, eta garai lehorrotan beste gasturik ez balego legez, bidearen beharra asmatu dutenek beste bide bat asmatuko dute guk bidesaria ordaintzen jarrai dezagun. Hogei urte 2011-09-15 Jugoslaviak historian iraun balu, laster beteko luke mende bete; lehen guda izan eta gero sortu baitzen. Oraintsuagokoa da bertako gerra, ordea: 1991n hasi zen Balkanetako gerra. Guda hura amaitu zenetik hona, Jugoslavia ez da. Haren lekuan Serbia, Kroazia, Eslovenia, Mazedonia eta Bosnia daude. Gerra hasi baino urtebete lehenago, Zagrebeko Dinamoren futbol zelaia izan zen herrien arteko ezinikusiaren lekuko. Kroaziakoa da Zagrebeko Dinamo taldea, eta 1990eko maiatzaren 13an Belgradeko Izar Gorriaren bisita izan zuten; Serbiakoa hori. Sekulako istiluak izan ziren. Ordubete pasa egon ziren zaleak elkar joka, eta Poliziak ezin izan zuen ezer egin. Elkarren kontrako min guztia kolpeka atera zuten. Hogei urte dira Jugoslaviako gerra hasi zela. Orduan hedabide guztietako notizia zen, eta bagenekien herri bakarrean batu nahi izan zituztela herri asko, eta azkenean leher egin zutela. Gaur, Kroazia oporretarako leku zoragarria dela baino ez dugu jakin nahi. Hogeita bat urte bete dira Maksimir futbol zelaian zaleek aulkiak elkarri bota zizkionetik, baina atzo Real Madrilen partida ikusten egon zen jende gehienak ez du horretaz pentsatu, futbolak eta politikak zerikusirik ez balute bezala. Jende armatua 2011-09-16 Ez da gozoa izango pasieran zoazela armadun kuadrilla bat aurkitzea plastikozko botilei tiroka. Hiru aldiz pentsatuko nuke paretik pasatu edo ez, badaezpada ere. Plazaolan zebilen gizonari pasatzen utzi diote behintzat Guardia Zibilek, baina gizona igaro eta gero berriro tiro egiteari ekin diote. Arma eta munizio berriak probatzen ari omen ziren. Mendian zoazela, pasieran zoazela, zelaian zehar zoazela, edozein lekutan kuadrilla armatu bat munizio berria probatzen ari daitekeela pentsatzea latza da. Gernikako arma lantegi zaharra itxi ondoren, bertako kuarteleko Guardia Zibilak lantegi osteko patioan ibiltzen ziren tiroka. Batek jakin zertarako egiten zuten tiro: munizio berria probatzeko ala denbora emateko. Eskuak burura eramaten ditugu halakoetan, edo burua alde batera eta bestera mugitzen dugu ezetz esaten bageunde legez, gure harridura eta haserrea erakusteko. Nola da posible Plazaolako pasiera ere ezin izatea lasai egin? Ez da horren gauza arraroa, ordea. Gure txikian hiru polizia kolore ditugu hemen, eta armak erabiltzeko inolako eragozpenik ez duenak armak erabili egiten ditu ahal duenean: munizio berria probatzeko, denbora emateko edo hiltzeko. Hamar urte 2011-09-17 Nire bizitzaren errepasoa egingo banu, azken hamar urteetan larri ibiliko nintzateke; izan ere, mugimendu handiko hamar urte izan dira. Laburpen gisara esango dizuet, hamar urteren barruan karrera amaitu dudala, eta mila artikulu inguru idatzi ditudala Euskaldunon Egunkaria-n, BERRIAn, Hitza-n, Argia-n, Frida aldizkarian... azken hamar urteetako bat Edinburgon egin dut, hilabete bi Mexikon, bana Kuban eta Senegalen eta egunak Londres, Belfast, Madril, Venezia, Bartzelona, Almeria, Brusela, Milan, Paris, Cadiz, Erroma eta gogoratzen ez naizen beste lekuren batean. Urte askotan hutsik egon den baserria konpontzen hasi gara ahizpa eta biok, baina Bilbon ere bizi izan naiz bi urtez. Ez dakit zenbat liburu irakurri ditudan, eta zenbat kanta berri deskubritu ditudan, baina larrutan ezagutu ditudan mutiletatik sei bereziki gogoratzen ditut. Besteak hor konpon! Maite izan dudan jendea joaten ikusi dut, baina berriak jaio dira, eta nire geografia humanoa berriro betez doa. Datozen hamar urteak ere antzekoak izango dira niretzat, baina Bateragune auzian auzipetutakoei nork itzuliko dizkie lapurtutako hamar urteak? Herri honi dagokiona ematen saiatzearren lapurtutako hamar urteak? Injustiziak ez du denboraz ezer ulertzen. Parte hartzeaz 2011-09-18 Udaletako kultur teknikari gehienek kalkulatzen dute urte hasieran zenbat diru duten kultur jardueretan gastatzeko, eta, horren arabera, urteko agenda antolatzen dute. Antzokien sarearen barruan dauden herrietan antzerkiak izaten dira urtero, eta Zornotzan ez baduzu ikusi, Gernikan ikusiko duzu edo Bermeon bestela. Antzokirik ez dugun herriok ahal duguna egiten dugu, eta gero, batzuek zein besteek ikusle kopuruaren arabera parte hartzearen gaineko ondorioak ateratzen ditugu. Baina parte hartzea hori baino gehiago da, ikustea baino gehiago. Guk, Muxikan, edo Muxikako Ariatzan hobeto esateko, ez dakigu ezer antzerkiari buruz; ez digu inork irakatsi nola antzeztu behar den. Baina urtero behin, plazara ateratzen gara. Horrela, gaur eguerdian, gure aita galiarren buruzagia izango da, eta ni arrain saltzailea. Guk landutako gidoiaren arabera, gure auzoa izango da Galia eta Muxika Erroma, eta hor barruan zenbait gorabehera antzeztuko ditugu. Kanpotik datorren edonor aspertu egingo litzateke, ez lituzke txisteak ulertuko, baina guretzat, gauza ederra da. Geure inguruari barre egiten diogu, eta gure inguruan izandako pertsonaien izenak karikaturizatzen ditugu. Berdin dio adinak, koloreak, bertan jaio izateak edo kanpotik etortzeak... guztiok parte hartzen dugu. Lanbidea 2011-09-20 Gure gurasoen garaian, jende gutxi joaten zen unibertsitatera, baina kasurik gehienetan gaztetan hasitako lanari eutsi diote erretiratu diren arte. Gure aitak etxean dauka lantegian 25 urte bete zituenean erregalatu zioten erlojua, eta handik urte askotara erretiratu zen. Gauzak aldatu egin dira, ordea. Guk batxilerra amaitu genuenean, unibertsitatera joan ginen, edo gutxienez, moduluren bat egin genuen guztiok. Gehienok ikasten egon gara 22 edo 23 urtera arte. Denok daukagu zerbait izaten badakigula esaten duen titulua, baina gero, lanetik bota egiten gaituzte, edo baldintza oso txarretan irautea eskatzen digute. Krisia deitzen dioten zera horren eraginez, lantegi gehienetan garbiketak egin dira, eta ondo doazenetan ez dute mila euro baino gehiago ordaintzen. Gure garaiko neska-mutilok langabezia kobratzera joan garenean, konturatu gara lanik egin gabe gehiago kobra daitekeela lanean baino. Neuri gertatu zitzaidan. Zenbait egunkaritan titulu hau irakurri dut: Lanbide ohartu da laguntza kobratzen dutenetatik %44k ez dutela lanik egin nahi. Mesedez! Idatz dezagun benetan eskandalagarria den titulua: gaur egungo langileen %44k (edo gehiagok) lanean irabazten duten soldata bera irabaziko lukete langabezian egonda. Animaliak 2011-09-21 YouTuben ikusi dut bideoa. Ez dakit ze herritako plaza ikusten da bideoan, eta erdian, entzierroan atzean geratu den zezen beltza. Zenbait gazte saiatzen dira piztia bere bidera eramaten, baina hark ez die kasurik egiten; plazan jarraitzen du jo batera eta jo bestera jendea harrapatu nahian. Egurrezko hesiaren beste aldean dagoen jendearen kontra egiten du eta borobilean buelta-bueltaka erotzen ari den inpresioa ematen du. Halako batean, gazteen artean gizon bat agertzen da, eta zezena harengana hurbiltzen da. Alboan gelditzen da ezer egin gabe, eta gizonak lepoa laztantzen dio eta zezena bere bidean jarri. Tona erdiko animalia beltza astiro-astiro doa gizonaren atzetik, eta bideoa amaitzen denean, ez da oso ondo ulertzen zer gertatu den; ez baita ikusten gizon hori zezenari inolako lasaigarririk ematen. Bideoari buruzko informazioa irakur-tzean argitzen da dena: zezenari kumetan jaten eman zion gizona da gidari lana hartu duena. Harrigarria bada ere, jaten eman zion eskuaren ondoan doala, zezena ez da inoren aurka oldartzen. Ezagutu egin du, eta lasai doa. Bideoa berriro ikusi, eta pentsatu dut ea gizakia izango ote den jaten ematen dion eskuari hozka egiten dion animalia bakarra. Lerro artean 2011-09-22 Goizeko zazpietan jaso nuen berria, eta kosta egin zitzaidan digeritzea: Ertzaintza Errekalden zegoen eta bertan bildutakoei oldartu zitzaien. Amaieraren hasiera baino ez zen izan. Notiziak gero eta beltzagoak ziren: atxilotuak, eskabadorak, tankeak... azkenean irakurri nuen nola hustu zuten Kukutza. Ez nuen irakurtzen jarraitu nahi izan. Behin eta berriro esan nion neure buruari egoteko lasai, badugula euskaldunok hegazti fenixaren generen bat eta badakigula errautsetatik ernetzen: Gernikan egin genuela, Euskaldunon Egunkaria-rekin eta Egin-ekin egin genuela, ez dela gaztetxe bat bota eta beste bat okupatzen den lehen aldia... Errekalden ere egingo dutela esaten nion neure buruari, baina konbentzitzeko zorian nengoela, berri garratza irakurri nuen. Une batez bihotzerrea ere eragin zidan notiziak: Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiak Zaballako kartzela inauguratu zuen atzo, eta, esan zuenez, Langraizko espetxe zaharrean Arabako gizarteratze zentroa egingo dute. Lerro artean hauxe esaten ari zela iruditu zitzaidan: berdin digu zenbat zareten, ze indar daukazuen, zer eraiki nahi duzuen; guk agintzen dugunaren kontra ezer egiten duzuen guztiontzako lekua dago hemen. Biktimak 2011-09-23 Biktimak gora eta biktimak behera, orain legea eta gero dekretua ari gara. Gauza konplikatua dira biktimak; sufritu egin dutelako. Ahoa betetzen zaigu esaten dugunean alde guztietan daudela biktimak, eta hala da. Baina ez daukat lotsarik esateko nik biktima batzuekin bakarrik egin dudala negar. Eta negar diodanean, benetako negarra diot: sentimenduzkoa eta amorruzkoa. Ez naiz ari diskurtso politikoa dotoretzearren egiten den negarraz, ez; bakardadean barruak erretzen dizkizunaz baizik. Beste biktima guztiei errespetu handia diet, ikasi dudalako zerbait sufrimenduaz. Gure aitonaren anaia gerrara joan zen eta ez dugu harrezkero haren berririk, amama Klarari etxea hustu zioten, 50 urtetik gorako gure senide gehienek jaso zuten zigorren bat euskaraz egitearren, gure aitari aurpegia aldatzen zaio Guardia Zibila ikusten duenean eta oraindik ez dakigu zer egin zioten komisarian, gure lehengusinak zazpi urte eta erdi egingo ditu kartzelan 18/98 deitzen dioten zentzugabekeria bategatik, osabak kontatu zidan Indautxuko komisariatik atera zenean koloreak ez zituela bereizten, milaka euro gastatu ditut kartzelara bidean. Eta, hala ere, sufritu dugun arren, sufritzen dugun arren, ez digute inoiz onartuko biktimak garenik. Zigorra 2011-09-24 Savannah izeneko hirian gertatu zen, AEBetan. Polizia bat hil zuen norbaitek, eta orduan hainbat lekukok esan zuten Troy Davis izan zela tiro egin zuena. Berak beti esan du ezetz, eta kartzelan eman zituen hogei urteetan ez da haren kontrako froga garbirik agertu. Duela hogei urte Davis ikusi omen zuten lekukoek ere ez daukate hain garbi bera izan zen edo ez; ukatu egin dute orduko deklarazioa. Antza denez, lekuko gehienak poliziaren konfidenteak ziren. Abokatu on bat kontratatzeko dirurik izan ez zuenez, Davis erruduna izan da kontrakoa frogatu ahal izan duen arte, eta ez du ezer frogatzerik lortu, horretan saiatu arren. Bizitzaren erdia kartzelan egin du, patiora ateratzeko ordubete baino ez zeukala, baina azkenera arte egin du bere errugabetasunaren alde. Herenegun azken errekurtsoa bota zion atzera epaileak, eta lau ordu atzeratu arren, ezin izan zuen heriotza saihestu. Errugabea naiz, esan zuen, eta hil egin zuten. Litekeena da Davisek gezurra esatea ez zuelako hil nahi, baina litekeena da bera ez izatea polizia hura hil zuena. Ez dugu jakingo, eta jakiten badugu ere, berandu izango da. Ordurako Davis ustelduta egongo da. Pobrea eta beltza zen munduko herrialderik demokratenean. Arriskua 2011-09-25 Eskolan esan zizkiguten gauza guztiez ez naiz gogoratzen, baina ez egiteko esan zizkiguten gauzarik gehienak egin egin ditugu. Gurasoek esaten ziguten ez dela autostopik egin behar, baina nik egiten nuen. Edariak ez nahasteko esan ziguten, baina txahal-eginean majo sufritu eta gero ikasi genuen edariari neurria hartzen. Manifestazioetan lehenengo ilaran ez egoteko esaten ziguten, baina kolpeka bidali gintuzten azken lerrora. Bakarrik bidaiatu dudanean beti joan naiz ez joateko esan didaten zenbait lekutara. Ez dut inoiz arriskurik ikusi nire inguruan. Beti pentsatu dut gauzak auzoan gertatzen direla, nigandik hirurehun metrotara gutxienez. Amak kontuz ibiltzeko esaten didanean, orain ere esaten diot berari kasu eginez gero kaskoa eramango nukeela kalera balkoiren batetik eroritako lorontziak buruan jota hil ez nadin. Baina, orain, benetan larritu naiz: gizakiak orbitara botatako zera handi horiek lurrera erortzen hasi dira. Aste guztia daramate notiziek horietako baten erorketarekin bueltaka, eta inoiz ez bezala arriskua ikusi dut nire gainean. Probabilitate handirik ez da egongo gure auzoan jaus dadin, baina notiziek eman dioten garrantziarekin, hurrengoetarako kaskoa erosiko dut, badaezpada. Pisua 2011-09-27 Bartzelonako futbolariei poliester birziklatuzko elastikoak ekarri dizkiete aurten, eta partida erdirako pisu handia hartzen dute. Ez dute izerdia behar bezala zurrupatzen, antza. Denboraldi-aurrean igarri zuten jokalariek blai eginda erretiratzen zirela zelaitik eta kamiseta gorputzera pegatzen zitzaiela. Klubeko zuzendaritzaren aurrean benetako kexa egin ahal izateko pisatu egin dituzte elastikoak, eta arrazoia zuten jokalariek: zelaira ateratzerakoan 200 gramo pisatzen zuten elastikoek deskantsuan 500 gramo pisatzen zuten. Nikek egiten die ekipamendua Bartzelonakoei, eta konponbidea bilatuko duela esan du; izan ere, ekipamendua aurkeztu zutenean izerdia zurrupatu eta lurrundu egiten zuela esan zuten poliester birziklatuari buruz. Plastikozko zortzi botila birziklatu erabili dira elastiko bakoitzean. Propaganda baino zerbait gehiago egiten ariko zen Nike etxea akaso, baina ez zaio ondo atera. Orain burmuina estutuko dute bulegoren bateko mahai borobilean eserita konponbideren baten bila. Jakin nahiko nuke elastiko santuok egiten diren lantegietan umeek zenbat pisatzen duten, edo zenbat kobratzen duten, edo egunero aldatzeko kamisetarik ba ote duten, edo Bartzelonako jokalariak ezagutzen ote dituzten. Kitatu 2011-09-28 Badakit Kukullaga Goikoan bizi den bikoteak prestamoa eskatu zuenean hala behar zuelako egingo zuela. Pentsatzen dut erabakia haiena izango zela, ez beste inorena. Hala ere, Berangoko baserriari buruzko notiziak irakurtzen ditudanean zerbait lehertzen zait urdailean. Traktoreak eta jendea ikusi dut baserriko atarian atzoko argazkietan, eta epaileak hamabost egun gehiago eman dizkielako lasaitu egin naiz. Delako prestamistari eskatu zioten dirua baino hogei aldiz gehiago balio du baserriak, baina zorra ordaindu ezean, baserria kenduko die. Ziur nago dirua utzi zuenak hartu zutenek baino hobeto kalkulatu zutela hori, orain negozio borobila egingo dute Kukullaga eskuratuz gero. Hamabost egun gehiago eman dizkie, eta ez dira asko berez, baina denbora da, eta denborarekin zerbait beti egin daiteke. Irudipena dut, hala ere, prestamistek ez dutela zorra kitatu nahi: prestamistek baserria nahi dute. Bitartean, oso jende gutxi mugitu da baserritar zahar bi eta baserri zahar baten alde. Ez daude modan, gizarteak ez ditu nahi, sistemak sobera dauzka halakoak, doazela zahar etxera. Nahikoa daukagu bakoitzak bere hipotekarekin inoren zorren ardura hartzeko; total, guztira ere zenbat galduko da baserri bategatik? Sinetsi 2011-09-29 Fededunek sinesten dot, sinesten dot kantatzen dute elizan, eta ez dute Jaungoikoak seinale handirik egiterik behar benetan sinesteko. Besteok, fede handirik ez dugunok, frogak nahi izaten ditugu: Jaungoikorik balego, ez litzateke inor gosez hilko, esaten dugu, eta ez dugu sinesten. Niri, inbidia handia ematen didate fede itsua dutenek, benetan. Aste honetan hileta batean izan naiz, eta, nire logika kutre honetan, heriotza injustua dela pentsatu dut, munduko gauzarik naturalena dela onartu beharrean. Ez dut sinetsi nahi izan hilkutxa barruan zihoana hilkutxa barruan zihoana zenik; beste batek mereziko balu bezala, baina nik maite nuen horrek ez. Halako gertaeren aurrean, errudunak aurkitzen saiatzen gara federik ez dugunok: medikuek ez dute behar zena egin, ez du bere burua behar beste zaindu, edanda gidatu du... fededunek, ostera, «Jaungoikoak bere ondoan nahi izan du», edo halako zerbait esaten diote euren buruari. Ez esan ez zenuketela barne lasaitasun hori nahi! Fededunek, mendian galtzen direnean ere, ez dute pazientziarik galtzen, eta o, gu hemen bidean galduak kantatuaz agertzen dira bi egun beranduago, egarria kentzeko ihintza xurgatu eta gero, ezer gertatu ez balitz bezala. Progresiboki 2011-09-30 Garaia duzue armak uzteko, politika egin behar duzue. Ondo da, konturatu gara azken urteetan ez goazela inora, eta politika egingo dugu. Kondenatu egin behar duzue orain arte egindakoa, bestela ezin duzue legezkoak izan. Tira, legez kanpo gelditu diren izen guztien omenez, berria sortu dugu eta gaitzetsi egin dugu indarkeria. Ez da nahikoa, orain arte kondenatu ez duzuna kondenatu egin behar duzue. Koalizioan bildu naiz, legez kanpo jarraitzen dut, baina erabakita daukat bide berriak jorratzea. Ondo begiratu behar dugu koalizio horrek zer ezkutatzen duen. Ez dugu ezer ezkutatu nahi: hartu ditugun erabakiak atzeraezinak dira. Boto asko bildu dituzue, baina gure gainetik ezin duzue nahi duzuena egin: eskatu zuen lagunei haiek ere alda daitezela. Gure lagunekin zuek negoziatu behar duzue. Ziur egon behar dugu. Zuek esaten diguzuen lagun zenbaitek bat egin dute gure proposamenekin. Tira, agian, zerbait egiteko garaia da: legea progresiboki beteko dugu. Barkatu, aspaldi behar zuten euskal preso politikoek Euskal Herrian; zuek idatzitako legeak esaten du. Bai, baina. Progresiboki nola da? Progresiboki da progresiboki. Utziko dituzue bertan behera mendeku hutsez ezarritako legeak? Ez dago erantzunik. Donetteak 2011-10-01 Banekien enpresa guztiak daudela edozertarako prest ekoizten dituzten produktuak saltzeko, baina irakurri berri dudanak nire logikaren muga guztiak gainditu ditu. Garaiotan, askori ogia erosteko ere dirua falta zaionean, etorri da Panrico eta Donetteak jateko agindu digu. Umetan esaten zigutenaren kontra, edukazio arau guztien kontra etorri dira Panrico eta Donetteak. Eskatzea librea dela irakatsi ziguten, baina erratuta egon gara, antza. Eskatzera Metrora! Nire Donetteak ez ukitu! Aiko hor, ze lemarekin saldu nahi dituzten ahokada eskas bat diren bollo txikiok. Errespetu gutxi dago mezuan. Jakin badakigu jende askok eskatu behar izan duela munduko edozein lekutako metroetako ateetan, eta biolin jotzaile famatu batek esperimentua egin zuenetik argi dugu, jendearen borondate onak ez duela asko jateko ematen. Hala ere, Donette paketea geuk hasi eta buka dezagun, gure lagunak metrora bidali ditu eskatzera Panrico enpresak. Ez diezazkigula enpresak herritarroi bragetako edo sujetadoreetako donetteak ukitu, mesedez. Garaiotan, badakigu, askoz ere gehiago direla metroan eskatzeko zorian daudenak Donette zikin bat jateko beharra dutenak baino. Gosea kentzeko moduko zerbait balitz, sikiera. Geroa 2011-10-02 Herri honek berezitasun asko ditu, baina politikoki zerbaitek ezaugarritu badu, hori banaketak izan dira. Ez dira oraingoak euskaldunek euskaldunen kontra egindako borrokak edo deklarazioak. Abilak gara gu etsaiak etxean aurkitzen, eta, burugogorrak izaki, abilak gara etsaien kontra. Azken urteetako politikagintzan banaketa asko izan dira, eta banaketen barruan ere iritzi korronteak sortu dira. Badirudi ez dugula asmatuko bidearen zati bat bera ere elkarrekin egiten. Lehengo banaketen baturatik eta lehengo baturen banaketatik sortuko dira azaroaren hogeirako koalizioak ere. Izenak esan dizkigute aste honetan, eta posizionatu gara; ehiza txakurra oilagorretan bezala irteerako tiroa entzun zain gaude geurea defenditzeko. Izen hutsetik aukeratu beharko banu, zalantzak izango nituzke. Amaiur pisu handiko izena da, baina Geroa Bai ondo sartu zait belarritik. Hala ere, geroa iraganean hasten dela pentsatzen dut, eta orainak egin behar duela handik gerorako zubia. Orain Amaiurren izpiritua berreskuratu nahi nuke, herri izaeraren aldarria, garena izatea inori baimenik eskatu gabe. Dena den, beti defentsiban egon beharrean, oraina, sortzeko unea dela uste dut. Orain bai, eta gero gerokoak. Sarri eta ni 2011-10-04 Amaren gau mahaiaren gainean Atabala eta Euriaizeneko liburua ikusi nuen umetan, eta aitak azaldu zidan nola alde egin zenuen kartzelatik. Izeba Mariasunen Ipuinak izan zen irakurri nizun lehen liburua, eta Gartzelako Poemek makina bat marapilo egin dizkidate urdaileko atean. Ene ondasun guztia entzun nuenean jakin nuen ez duzula «r» ondo ahoskatzen, eta irakurle batek inoiz egin didan erregalu bakarra Narrazioak izan da —erredakzioan utzi zuten nire izenean—. Zuri buruzko notiziak azaltzen diren bakoitzean ni baino gazteago agertzen zara argazkietan, eta 21 urte zaharragoa zara. Amets egiten dut egunen batean gure herriko liburutegira etorriko zarela eta iluntzean etxera noanean pentsatuko dudala, «Ainhoari gutunak idatzi zizkion gizonak, biluzten bagara errazagoa dela esan zuenak, muxu bi eman dizkit». Pertsonaia erromantikoa zara, Sarri: bazaude eta ez zaude. Batzuentzat terrorista bihurtu zaituzten esku berberek bihurtu zaituzte niretzat idazle berezi. Ez dakit esku lodiak, meheak, zahartuak, atzamar luzedunak, laburrak... izango dituzun, baina primeran jakin dute sentimenduak folio zurietan esplikatzen. Zorionak, Sarri, baina ez sari honengatik bakarrik: eskerrik asko guztiagatik. Besteak 2011-10-05 Euren herrian izan den diktadorerik handienaren ilobak telebista izar bihurtu dituztenek ez dute Sarri maite; terrorista omen. Hil ondoren omenaldiak egiten direnean, defuntuaren familiak jasotzen ditu sariak, baina herritik urruti egotera kondenatuta dagoenak bere egoera erregulatu behar du. Ezin zaio saria haren familiari eman, eta gorde egingo dute. Lehendakari izendatu zutenean Sarriren hitzak erabili zituena ere isilik dago. Espainiako komunikabideetako foroetan diotenez, Sarrionandiari Euskadi Saria ematea Hitlerri Bakearen Nobel Saria ematearen besteko ekintza krudela da: umore absurdoa gustatzen zaigunontzat eztabaida interesgarria da hau! Dena den, saria nori eman eztabaidatu dutenen gainetik, epaimahaiaren gainetik, hartu dute erabakia zenbait politikarik. Saria ez emateko erabakia politikoa da, beraz. Gero esango digute literaturak eta politikak ez dutela zerikusirik, eta sinesten saiatuko gara hala dela. Agian Sarri barreka egongo da, akaso hemen balego Utikan Euskadi Sariak manifestua sinatuko luke, litekeena da saria kabitzen zaigun lekuan gorde dezagula pentsatzea, baina kontua da, gustatu edo ez, berak irabazi duela eta punto pelota! Azeria 2011-10-06 Beti pentsatu dut gaztelania egokia dela emakumeei burla egiteko. Adibide asko daude, baina deigarrienak animalien izena erabiliz egiten diren burlak dira. Gaztelaniazko lobo otsoa da euskaraz, baina loba ez da otsanda bakarrik. Norbaitek loba deitzen badit, pentsatu behar dut ohera eraman nahi ditudan gizonak neuk aukeratzen ditudala eta hori ez dagoela ondo. Txakurra esan behar dutenean perro esaten dute espainolek, baina emakume bati sexua bereziki gustatzen bazaio, perra deitzen diote. Ez dut inoiz entzun gizon bati zentzu horretan perro deitu zaionik; ezta larrutan lau hankan egitea gustatzen bazaio ere. Gizonei perro deitzen dietenean beti da ondo zelan bizi badakitelako. Nik ulertuta neukanez, berdin gertatzen da azeriarekin ere. Zorro, gizon argia da, bizia, egoera zailetan ere zirrikituak aurkitzeko gai dena. Zorra emakume larruzalea da, edonorekin larrua jotzeko prest dagoena. Hori orain arte, jakina. Badirudi, aurrerantzean, norbaitek zorra deitzen badit egoerei aurrea hartzen dakien emakumea naizela. Une batez, nazka sentitu dut, baina zer nahi duzue esatea, orain hau esan duen epailea da orain dela urte batzuk Euskaldunon Egunkaria ixteko agindua eman zuena. Zer espero zenuten? Hurbil 2011-10-07 Aurten jende askok erakutsi du Espainian politikariekin haserre dagoela. Baten batek pentsatzen badu hori ez dela horrela, maiatzaren 15eko mugimenduari jarraitzea baino ez dauka, politikariek, berriz, ez dute ezer egin gauzak konpontzeko: urte bi behar izan zituzten krisia dagoela onartzeko, eta gehiago beharko dituzte txarto egindako plan ekonomikoa aldatzeko. Gobernuak ez du jakin herritarren kezkei erantzuten, bankuek etxerik gabe utzi duten jendeari laguntzen, langabeak babesten... herriarengandik oso urrun egon dira hala nahita, baina orain hauteskundeak datoz eta botoak behar dituzte. Alfredo Perez Rubalcabak bere album pertsonaleko argazkiak argitaratu ditu hauteskundeetarako ireki duen webgunean. Horrela, maite dutenek haren historia arakatu ahal izango dute nolako gizona den jakiteko, eta maite ez dugunok politikari hotz horren atzean gizon bat dagoela deskubrituko dugu. Patetikoa da beharrezkoa denean kasurik ere ez egitea herritarrei, eta gero, tronua jokoan daukatenean halako sentimentalkeriekin etortzea. Ez nuke harritu behar, beti egiten dute gauza bera, baina harritzeko eta haserretzeko galtzen ditugunean, guztiz irentsi gaituzten seinalea izango da, eta ez dut hori nahi. Amantalak 2011-10-08 Amantalak eramatera kondenatu zituzten. Sukaldean, soroan, isilik egin behar zuten egiten zekiten guztia. Esan zieten gizonak zirela mundua gobernatzeko kapaz zirenak, eta, bizirik irauteko, onartu egin behar izan zuten. Ez zuten historiarik idatzi, eta ez dakigu haietatik zenbat izan ziren lehen lerroko gudariak, politikariak, medikuak, artistak, alkateak... guk dakiguna idatzi zutenek ez zituzten kontuan hartu, eta orain guk ez dakigu haietaz ia ezer. Ezizenak asmatu zituzten liburuak edo prentsa artikuluak sinatzeko, ez zegokielako halako lanik. Uste zuten ez zeukatela kontatzeko ezer interesgarririk ilobak altzoan hartu zituzten arte. Orduan garbi ikusi genuen bazekitela kantatzen, eta bazekitela kontatzen gerra, kartzela, errepresioa, hizkuntza, maitasuna eta beste nola bizi izan zituzten garai batean. Konturatu ginen ahal izan balute amantalaz bestelako uniformeak jantziko zituztela eta ahal izan zutenek jantzi zituztela. Isildutako amantalen ahotsa ia lehenengoz prestigiozko leku batera eraman zuten atzo. Ahots asko isildu dira dakiten guztia kontatu gabe, ordea. Bada ordua esateko duten guztia entzun dezagun, eta ondorengoei historia haiek irakatsi diguten moduan kontatzeko: emeki-emeki. Telebista 2011-10-09 Telebistan ez dago emakume zaharrik edo begi okerrik. Akaso hanka okerren bat egongo da, baina ez aurkezleak zutik agertzen diren programetan. Ez dago emakume potolorik, ez baldin bada noizbehinkako kolaboratzaileren bat (badaezpada neuk esango dut, neu ere agertu naiz inoiz eta). Telebistan denetariko emakumeek lan egiten dute, baina pantailan agertzen diren gehienak ederrak dira; ez dago sudur luzerik edo belarri handirik. Gaitasuna dute dagokien lana egiteko, baina horretaz gainera, gehienak (denak ez esatearren) emakume ederrak dira. Telebistan agertzen diren gizonei erreparatuz gero, ezin dut nahita ere bista hainbeste alaitu: begi okerrak ikusten ditut, burusoilak, hanka okerrak, lodiak, sudur luzeak, belarri handiak... ez da nire obsesioa bakarrik. Galdetu egin dut, eta nire inguruan jende asko dago nirekin ados: telebistako gizonen artean denetik eta gustu guztietarako dago. Batera izan zein bestera izan, berdin ikusten ditut programak, baina galdera batek kentzen dit loa: halako begi oker, lodi edo belarri handia emakumea balitz, aurkezlea izango litzateke? Edertasun kanon konkretu bat betetzen ez duen neskari programa bat emango liokete? Erantzunak amorrua ematen dit. Kontuak 2011-10-11 Arabako Foru Aldundian milioi askotako zorra dagoela diote, eta Gipuzkoakoan ere bai. Herri askotako udaletan kontuek ez dute kuadratzen, eta Donostiako Udalean egoera oso larria dela esan ziguten udan. Ez dut nik epaituko gauzak asmo onez edo txarrez egiten diren, baina argi dagoena da herri honetan gauza asko gaizki egin direla. Krisia hitzarekin ametsik gaiztoenak izan ditugu hitza bera entzutearen entzuteaz, baina inork ez du esan abiadura handiko trena egingo ez denik dirurik ez dagoelako. Hemen, dirua, betiko partidetan murrizten da: osasuna, hezkuntza, zerbitzuak... Ez da kasualitatea izango, justu aurten, Bilduk espero gabeko emaitzak lortu dituen urtean agertzea gaizki kudeatutako hainbeste kontu. Gehiengo osoa ez da ona inorentzat, eta gaizki egindako kontuek erakusten dute hori. Beti agintean egon direnek nahi izan dutena egin dute nahi izan duten moduan; beti jakin baitute beren hanka-sartzeak atzetik datorren beste batek konponduko dituela, «nola gure alderdi berekoek hartuko duten lekukoa». Baina ez da beti horrela, zorionez. Horregatik ibili behar lukete kontuz Bizkaiko Foru Aldundian eta Bilboko Udalean: gutxien espero dutenean gaizki kudeatutako kontuak argitaratuko direlako. Iparra 2011-10-12 Bada mutil bat kartzelan dagoena, beste hainbat euskaldunen moduan. Ondarroarra da. Beste edonongoa izan zitekeen, baina ondarroarra da. Kartzelara sartu zutenerako, bazekien GIBduna zela, baina urte askotan bizimodu arrunta egin zuen birus eta guzti. Kontua da Espainiako kartzeletan ez dituztela gaixorik dauden presoak behar den moduan artatzen. Asko daude tratamendua jaso ezinik, eta horietako bat da aipatutako mutila. Kartzela eta GIBa entzunda, lehen eguerdi ostean ematen zituzten film sentsazionalista horietako batez ari naizela ematen du, baina ez, ondarroarra da eta Basauriko kartzelan dago; Euskal Herriko txoko urrunenetik hiru ordura gehienez. Ez dute askatu nahi, eta han dago egoerari eusten. Kostata ekarri zuten Euskal Herriko kartzela batera, eta badirudi kostata askatuko dutela. Gero eta gutxiago ulertzen ditut gauzak: Espainiako zigor kodeak esaten du preso guztiek bete behar dutela kondena etxetik gertuen duten kartzelan, eta gaixorik daudenak kaleratu egin behar dituztela. Hauek egiten dutena da gaixorik daudenak Euskal Herrira hurreratu, eta estutu. Mendeku politika horrek aspaldi galdu zuen nortea, baina pentsatu nahi dut Iparra galdu baino lehen erreakzionatuko dutela. Egun arrunta 2011-10-13 Igande usaina dauka gaurko egunak (irakurlearentzat atzokoak). Goizean ohetik jaiki eta arraro egin zait eguazten batean lanera ez joatea, baina ez naiz joan. Gernikan dena edo ia dena itxita dago. Kafea hartzera joan naizenean, ez dut TAO ordaindu beharrik izan. Hori igandetan eta larunbat arratsaldetan baino ez da gertatzen. Gure ama lanera joan da, eta hasi naiz pentsatzen ea zer den arraroagoa: Hispanitatearen Egunean lan egitea, ala guztiok jai dugunean batzuk lanera joatea hala egin behar dutela sinesten dutelako. Herri honetan jai egunak ere arraroak dira azkenean. Egun osoa izan dut ospatzeko ezer zergatik ez daukadan hausnartzeko, eta neure burua ia konbentzitua nuenean gogoratu naiz nola esan zidan, behin, auzoko emakume batek: gauza bat da espainolak ez izatea, eta bestea leloak izatea. Alegia, jai egin eta kitto! Ez dut hain garbi ikusten, eta askotan lan egitea tokatu gabe ere lanera joan naiz, baina gaur jai egin dut. Eta oraindik min handiagoz egingo dut jai urriaren 25ean, edo abenduaren 6an. Sekulako gerra sortuko zait berriz ere barruan, baina goizeko 11:00 arte lo eginda gero, neure burua kontsolatuko dut: lasai, Onintza, ateoak Benidormera joaten dira Aste Santuan. Dietak 2011-10-14 Dieta asko egindakoa naiz, eta badakit guztietan sufritzen dela. Beti pentsatu dut egongo dela dieta zoragarriren bat txokolatea jatea baimentzen duena, baina gero, praktikan, beti kentzen dizkidate lehen astean hasi eta hirugarren hilabetera arte faltan sumatzen ditudan gauzak. Azkenean, baina, aurkitu dut dieta egoki bat. Ez dakit argaltzeko balio duen, baina mauka itzela da. Dieta zoragarri hau ez da egin behar, jaso egiten da. Egin behar den bakarra da Nafarroako Gobernuan kargua izan eta CANeko ordezkaritzak hartzea. Alderdi konkretu bat ordezkatzen baduzu gainera, hobeto: lehenago egingo dizu efektua. Kargua hartu, batzarretara joan, eta berehala aplikatzen dizute delako dieta hori, eta egunkarietan irakurri dudanez, zazpi urtean, gutxi gorabehera 750.000 euro ematen dizkizute dietetan. Notiziak leher egiten duenean jendea haserretzen bada, ez duzu zertan larritu: egin behar duzun bakarra da komunikabideen aurrean onartzea gehitxo izan ote den jaso duzun dieta. Horrekin dena konponduko da, eta bestela, denborak egingo du bere lana memorietan. Halako dieta egiteko aukera izanda, ez nintzateke baskularen gainean jarriko dirua pisatzeko izan ezik. Handienak ez ditugu oraindik ikusi! Barkamena 2011-10-15 Ez dut ulertzen barkamena eskatzeko ohitura. Bizi denak min hartu eta egiten du, maite du eta maite dute, gorroto du eta gorroto dute, jasaten dute edo ez eta jasaten du edo ez. Bizi garen seinale da gaur barrea eragin digun horrek bihar negarra eragitea. Ez baikaude geldi, eta dabilenari gauza asko gertatzen zaizkio. Ez naiz ni inor baino hobea, ezta txarragoa ere, baina badakit jaso dudan adina min egin dudala bidean. Askotan nahi gabe izan da, ondo pentsatuta emandako pausoren batek mindu dituelako inguruko zenbait. Saiatu arren, ezin izan dut besteen mina saihestu. Beste batzuetan jakinaren gainean mindu dut jendea. Badira norbere zilborrari bakarrik begiratuta hartu behar diren erabakiak, eta halakoetan zaila da maitasun adina min ez sortzea, nahiz eta ondorioak aurretiaz jakin. Nahi gabe min egin dudanean alferrik esan dut barka nazazu; denborak eraman ditu urak bere bidera, eta maitasunak lekua hartu du. Jakinaren gainean min egin dudanean ez dut barkamena eskatzeko aurpegirik izan. Aurretiaz jakin izan dut zertan ari naizen, eta besteen minari baino garrantzi handiagoa eman diet neure helburuei. Hain zuzen ere, horregatik ez dut sinesten barkamenean, ez gauza pertsonaletan ez kolektiboetan. Zahartzaroa 2011-10-16 Lehen, zaharra hitzak ez zeukan euskaraz konnotazio txarrik; azken batean, saihestezina da denbora pasatzea. Gure amama Benitak goizero eskatzen zuen orrazteko, eta kolonia franko bota ondoren, etxeko atarian esertzen zen lasai. Amama Ramonak iloben ilobak ikusi zituen jaiotzen, eta presa handirik gabe zegoen heriotzaren zain. Armairuan gordeta zeukan hilkutxan jantzi ziezaioten nahi zuen arropa, eta etxeko ilobarik zaharrenari gogorarazten zion tarteka. Aitita Patxik lasai eman zituen azken urteak, bere gaixotasunaren jakitun: etxe bueltan ibiltzen zen pauso laburrean hara eta hona, urrutirako ametsik gabe. Zaharrak ziren, eta munduko egunak amaitzen zituztela esaten ziguten inolako larritasunik eta enbarazurik gabe. Orain zaharrak trapuak bakarrik direla esaten dugu, gaztelaniaz esaten duten lez; liftingak egiten ditugu inork ez igartzeko zenbat urte ditugun; arineketan gabiltza heriotzak harrapa ez gaitzan; ez dugu pentsatu ere egin nahi munduko egunak amaituko zaizkigunik; egun bat osorik edo ia osorik etxean pasatzen badugu, antsietateak jotzen gaitu; laurogei urterekin hiltzen direnak gazte hiltzen direla esaten dugu, zahartu direla ez onartzearren. Pena ematen dugu! Gorbata 2011-10-18 Iñaki Anasagastik gorbata janztea gomendatu zion Paul Riosi Nazioarteko Bake Konferentzira joateko. Grazia egin zidan, eta adi egon nintzen Bake Konferentziari begira. Paul Riosek gorbata jantzi zuen, baina ez berak bakarrik, hara joan ziren gizonezko guztiek zuten gorbata Donostiako alkateak izan ezik. Ez dut esango harritu ez ninduenik Rufi Etxeberria gorbatarekin ikusteak, baina, ze kristo, dotore zegoen. Jon Idigoras Madrileko kongresura joan zenetik hona, gorbatak aldatu egin dira ezker abertzalean, garai bakoitzera egokitzen jakin dute. Atzoko konferentziaren emaitzak potoloak izan ziren. Honezkero, ordua da bakoitzak dagozkion urratsak egin ditzan. Asko itxaron dugu. Irudipena daukat bake prozesua hasi zenetik keinuak eta pausoak egiten ari direnak ordura arte terroristenak izandakoak direla, eta beste guztiok ere badugu espabilatzeko ordua. Dena dela, gorbatekin amaitu nahi dut, hasi naizen moduan. Konferentziaren emaitzak entzunda, Espainiako hauteskundeetako koalizioak nola dauden jakinda, euskal gizartearen aldaketarako gogoa usainduta eta lehendakaria aukeratzeko hauteskundeetarako zenbat falta den kalkulatuta, pentsatzen nago ez ote dien batzuei gorbatak saman itolarria eragingo. Trukea 2011-10-19 Bost urtez egon da bahituta, eta familiaren hutsa sentitu du. Horregatik nahiko luke preso palestinarrek ere euren familiak besarkatu ahal izatea. Milak baino gehiagok lortuko dute. Horixe izan baita Gilad Shalit aske uzteko Hamasek Israelgo Gobernuari jarri dion baldintza. Askok pentsatuko du ez dela truke justua mila baten truke, baina Hamasek ez dauka aukerarik mila israeldar bahitzeko. Nahikoa meritu da garaiotan bahitu bakarra bost urtez mantentzea ere poliziak aurkitu gabe. Israelek, ostera, estatu boteretsua denez, milaka palestinar hartzen ditu preso. Komunikabideek eta botereak terroristatzat hartzen dituztenek bahitu egiten dute jendea, baina estatuek preso eramaten dituzte. Edozelan ere, egun handiak izango dira atzokoa eta gaurkoa Gazan eta Zisjordanian. Mila seme-alaba bueltan datoz etxera. Pentsatzen jartzen naiz eta nire herrian ez gara mila baino askoz gehiago bizi. Asko dira mila; atera kontu, beraz, zenbat izango diren barruan utzi dituztenak. Ez baitu Israelek ahuleziarik erakutsiko Hamasen aurrean. Mila baten truke ikusi dugu eta azterketa kuantitatibo bat-batekoan asko dela pentsatu arren, kontuz! Israelek tratua onartu badu, soldadu baten bizitza baino askoz ere gehiago irabazi dezakeelako izango da. Bakearen bila 2011-10-20 Makina bat urte daramagu euskaldunok Bakearen Bila izeneko mahai jokoan. Barbaro eta burugogor samarrak izaki, ezin izan dugu saihestu jokoari eusteko sortu ditugun zenbait mahai haustea. Horixe gertatu zen Aljerreko, Loiolako eta Lizarrako partidetan: hotz ibili ziren parte hartzaileak, eta hotzaren hotzaz mahaiak apurtu egin ziren. Hotz edo bero ibiltzen baita bat bilaketa jokoetan: bilatu behar duenera hurreratu ahala, berotu egiten da, eta urrundu ahala, hoztu. Orain arte jokalari guztiok izan ditugu geure motiboak ez berotzeko: disoluzio eskaerak, demokraziarik eza, ekintza armatuak, ilegalizazioak, kondena eskaerak, erabakitzeko eskubidea onartu nahi eza... halako oztopoak aurkitu ahala, atzera egiten izan dugu, eta hoztu egiten izan gara. Pentsatzen dut ez gabiltzala guztiok gauza beraren bila bakeaz ari garenean: batzuentzat nahikoa da ETA desagertzea, eta besteok hori baino askoz gehiago nahi dugu bakean bizitzeko. Horregatik kostako zaigu hainbeste, akaso. Ez da erraza bakera hurreratzea eta berotzea; gutxiago oraindik, nazioarteko hainbat aditu zure etxera datozenean zuk urrunera ospa egiten baduzu. Iruditzen zait New York Donostiatik urrutiegi dagoela bakearen alde atxitxarratzeko. Trofeoak 2011-10-21 Nik ez dut gerrarik zuzenean bizi izan. «Nahi duenak irabazi dezala, baina hau amaitu dadila», esaten duten begiak telebistan bakarrik ikusi ditut. Gerran beti baitaude irabazleak eta galtzaileak. Irakatsi diguten historiak halaxe kontatzen du: irabazten duenarentzat izaten da tronua, erreinua, gobernua edo petrolioa. Galtzen duenarentzat ez da ezer ere geratzen; ahal badu, irabazleak ohorea ere kendu egiten dio. Erregea hil ondoren, beste bat jartzen da haren tronuan eta historiak jarraitu egiten du. Gehienetan, irabazten duenak ahalik eta gehien kriminalizatzen eta umiliatzen du galtzen duena, gerra tirorik gabe irabazi izan balu bezala. Trofeoak erakusten dizkigute plazan edo sarean. Ez zen nahikoa izan Bin Ladenen aitzakian Afganistango petrolio hodien gaineko kontrola hartzea, ez: ez zuten bakerik izan Bin Laden hil arte. AEBek ezin izan zuten bere botere gosea ase Sadam Husseinen estatua lurrera bota eta Irakeko gobernu berriaren kontrola hartuta: Sadam Hussein nola urkatzen zuten ikusi behar izan genuen guztiok. Eta ez da nahikoa izan Libia eta bertako baliabide ugariak hartuta: Gaddafi hil dute errebeldeei laguntzeko aitzakiarekin. Penaz ikusi dut bere argazkiak nola zabaldu dituzten sarean. Osteguna 2011-10-22 Gogoratu naiz Klara eta Balendinez: Herri Batasunarengan sinetsi zuten auzotar bakarrak izan zirelako orain hogeita hamar urte baino gehiago. Gogoratu naiz nola irakatsi nien Beñat eta Aintzinari Txikia kantatzen oraindik irakurtzen ere ez zekitenean, eta badakite bereziki poztu nintzela lehenengoz manifestazio batean topo egin genuenean. Ezin dut burutik kendu Maddik nola esan zidan arratsalde batean: «Onintza, badakizu gauza bat? Nire ama atxilotu egin dute». Lau urte baino ez zituen. Akorduan daukat amama Klarak nola eraman gintuen hiru ahizpok beheko errepidera Santi Brouarden hilkutxari ohore egiteko Lekeitiorako bidean Muxikatik pasatu zenean. Milaka aldiz errepasatu dut nire memorian Ina Zeberio Gernikan hil zuten eguna. Aurrean banu bezala ikusten dut gaur ere Alaitz, bederatzi hilabeteko umea besoetan duela, Fleuryko bisita gelara irribarretsu sartzen. Hainbeste sentsazio nahastu zaizkit barruan, eta ez dakit nola bide eman guztiei. Dakidana da osteguna berezia izan zela, eta bide luzeak ekarri gaituela ostegunera arte. Batzuek diote ez dela nahikoa, irabazi egin dutela, porrota izan dela... niri bost! Seguru nago, eguenean eta seguruenik barikuan ere, nire aldean gaizki lo egin zutela. Kontatzea 2011-10-23 Duela urte asko lagun talde bat elkartu zen Espainiako diktadura militar ankerraren kontra eta Euskal Herriaren alde ekiteko. Hasierako ekintzek izan zuten eragina ikusita, konturatu ziren arerio hura mugitzeko armak behar zituztela. Bai, bai, armak; eta erabiltzeko konbentzimendu osoarekin erosi zituzten. Lehenengo etsai armatua hil eta berehala, etsai armatuek hil zuten taldeko bat, eta momentu hori, oso gogorra izan zen. Beste guztiek hartutako erabakiaren larria ulertu zutelako lagunaren gorpuan. Baina aurrera egin zuten, eta militarren bihotza zauritu: diktadorearen ondorengoa hil zuten. Gero urte nahasiak eta latzak etorri ziren: diktaduratik demokraziarako trantsizio faltsua, torturak, hildakoak, atentatuak, sakabanaketa... gazteagoek hartu zuten lekukoa, eta beti asmatu ez zuten arren, gure herriari bazela gai erakutsi zioten, Euskal Herriak noizbait bere etorkizuna erabaki ahal izango duela konbentzitu gintuzten. Eta hala, herriak erakutsi zuenean baduela indarra pertsona oro, hitz oro herriaren aldeko arma bihurtzeko, beste armak isildu egin ziren. Ez dakit borreroarena edo biktimarena den; berdin dit. Hau nire seme-alabei kontatuko diedan historia da, nik bizi izan dudana. Lezioa 2011-10-25 Eskolan irakatsi ziguten gerra ez dela ona, eta esplikatu ziguten munduan onak eta txarrak daudela. Irakasleek esan ziguten ez dela erantzupen txarrik eman behar, eta isilik egoten ikasi egin behar dela. Eskolara joanez ikasi genuen ez dela barre ozenegi egin behar, ingurukoak molestatu egiten direlako. Matematikan, zenbakiak irakatsi zizkiguten, eta kimikan, balentziak eta formulazioa. Irakasleak ia-ia lotsatu egiten zirenez, umeak nola egin behar ziren ikasi genuen, baina plazeraz ez ziguten ezer kontatu. Orduak eman genituen eskolan, eta orduak institutuan eta unibertsitatean, eta itxura gordetzen ikasi genuen. Irakasleek esaten zutena zeinen garrantzitsua den frogatzen genuen azterketetan, ez baikenuen besterik ikasten irakasleek esaten zigutena baino. Gauza asko ikasi arren, uste dut zenbait lezio falta izan zaizkigula. Bada bat, dokumental batean ikusi dudanez, Japoniako irakasle batek oso ondo irakasten duena. Haren ikasleak izan nahi dute eskolara doazen neska-mutil guztiek. Kazetariak irakasleari kurtso honetarako zein helburu duen galdetu dionean, argi esan dio zein den bere helburua kurtso honetan eta beti: umeek bizitza zein garrantzitsua den ulertzea, ez dezaten alferrik galdu. Ona 2011-10-26 Gure familian gauza normala da despeditzerakoan «onak izan» esatea, eta ez dago amorru handiagorik ematen didan ezer. Onak ona izan behar du ikasketetan, jendearekin, familiarekin, lanean, parrandan eta urteko 365 egunetan kabitzen zaizkion ekintza guztietan. Umeei ikatza ekartzen die Olentzerok onak ez direnean, eta Gabonen aurreko hilabetean gustura egingo lituzketen gauza asko autozentsuratzen dute. Nik ez dut ona izan nahi. Ona izan naizenean gizarte potrozorri honek belarrondokoak eman dizkit: ondo jokatu dudanean ligeak kendu dizkidate; lanean ona izan naizenean ondokoen lana ere neuk egin dut; lagun ona izan naizenean herri osoaren penak entzuten amaitu dut; militante ona izan naizenean, bakarrik ibili naiz kartelak pegatzen; euskaldun ona izan naizenean, gustuko ditudan gauzak alboan utzi ditut euskaldunak ez direlako. Gizartearentzat onak diren neska-mutilak ez zaizkit gustatzen: nota onak ateratzen dituzte, lan ona bilatzen dute, bikotearekin bizitzen jartzen dira, hipoteka fin ordaintzen dute eta umeak ekartzen dituzte. Gehiago interesatzen zaizkit besteak: harremanak noiz amaitu jakin dutenak, dena utzi eta abentura bila joaten direnak, ikasketetan huts egin zutenak… jende onarekin aspertu egiten naiz. Berriro hasi 2011-10-27 Badakit programa igande gauetan ematen duela Espainiako telebista kate batek, baina nik asteartean ikusi nuen Internetez. Aprobetxatu egin behar dira sinesten ez ditugun jaiegunak ere. Joan den igandeko programari Reiniciando Euskadi ipini zioten titulua; Euskadi berriro hasten, gutxi gorabehera. Ez dut nik ukatuko urriaren 20tik hona gauzak asko aldatu ez direnik, baina berriro hasten ari garen inpresioak harritu egiten nau. 52 urteko jarduera militarra bertan behera utzi du ETAk, baina Euskal Herria ez da berriro hasten ari; ez baikaude, inondik inora ere, orain dela bost hamarkada geunden tokian. Euskal Herriak independentea eta euskalduna izan behar duela sinesten dudalako pentsatzen dut jarraitzen ari garela eta ez berriro hasten. Batzuentzat hobeto eta beste batzuentzat okerrago egingo ziren gauzak, baina ibilbide militarrak ere eragin du orain gauden lekuan egotea. Baliteke hau ez izatea egon behar genukeen lekua, eta bakoitzak albokoaren astoari botako dio horren errua, baina hemen gaude, eta hemen bagaude, urteetan gertatu diren gauza on eta txarren ondorioz da. Beraz, momentu historiko hau, egoera hau edo bidegurutze hau ez da berriro hasteko tokia: aurrera jarraitzeko tokia da. Txarrak 2011-10-28 Behin onei buruz idatzita, txarrei buruz idaztea zor nuen, baina kosta egiten zait; txarra zer den argitu nahian, nahastu egiten naiz. Adibidez, txarrak kartzelara joaten direla esan zidaten niri ere umetan, baina handitan ez da horrela izan: onak ikusi ditut kartzelan usteltzen, eta herritarren odola zurrupatu arte tiraka ibili direnek gorbata eranzteko beharrik ere ez dute izan. Gaddafi bera ere txarra dela esan digute, eta hala izango zen akaso, baina hil dutenak ez dira bera baino askoz hobeak. Osasuntsu egoteko txarrak omen diren gauzak gustuko ditut: txokolatea, garagardoa, gominolak, maionesa, ardoa, txorizoa, arrautza frijitua, pizza, gazta tarta... Eta hainbeste gustatzen bazaizkit, ez dira hain txarrak izango, noski! Antzerki obra txarrekin lehertu naiz barrez, eta film txarrek hunkitu egin naute. Nire garapenerako txarrak izan behar zuten pertsonek markatu dute nire bidea, eta askok uste baino pertsona hobea naiz gaur egun. Gerta liteke arazoa neurea izatea, edo gerta liteke, eta gehienetan hala izaten da, sistemak edo gizarteak agintzea txarrak direla enbarazu egiten dioten gauzak. Kontua da sistemarentzat edo gizarte zoro honentzat txarrak diren gauzak beti ez direla guretzat txarrak. Goxo 2011-10-29 Ez du merezi ozpinduta bizitzea. Alferrik emango ditugu orduak gustuko ez ditugunei min nola egin pentsatzen. Nahiz eta guri pilota asko gustatu, ez dago ondo erabiltzen ez den frontoi batean bizi den jendea kalera botatzea. Ez da kudeaketa duinaren eredu, eta jendea haserretu egiten da. Jakin behar da norbere buruari barre egiten, eta norbere akatsak zein ezinak jendaurrean onartzen. Hiri jakin bateko alkatetza lortu duen lehen emakumea izan arren, ez dago inor baino gogorragoa zarela demostratu beharrik; poztu zaitez lortu duzulako. Jaien hasierako txupina txandaka botatzen bada, ezin dituzu gustuko ez dituzunak baztertu haien txanda denean; ez dago ondo, eta haserretu egingo dira. Akaso, batzuei ez die ardura izango nor haserretzen zaien; eurak haserre daudelako beti. Edozelan ere, hobe da besteei entzutea, eta besteei begiratzea. Entzun, ukitu eta ikusi besteek egiten dituzten gauzak. Ez da pentsatu behar norbera denik gauzak ondo egiten dakien bakarra; akats propioak ere onartu egin behar dira. Osterantzean, gutxien espero duzun egunean, zure zeurekoikeriarekin haserretutako lagun batzuek tarta bat botako dizute aurpegira; eta orduan, ez zaizu aldartea esnegain azukretuarekin ere goxatuko. Astelehena 2011-10-30 Gernikako astelehenak bereziak dira: batetik azoka egoten delako, eta bestetik, azokaren aitzakian tabernak ere bete egiten direlako eguerdian. Biharkoa gainera, astelehen bereziagoa izango da urriko azkena delako. Jendetza batuko da Gernikan, eta askok eramango ditu poltsikoak bero standetan generoa erosteko. Han egongo dira asteleheneroko baserritarrak merkatuko plazan, baina jendea ez da hara joaten. Haiek ez dute normalean baino gehiago salduko, nahiz eta standetan baino merkeago izan generoa. Taloa jateko ilaran egongo da jendea, eta azkenean asko ordainduta ere, talo onik ez du jango. Gazte askok ipiniko dute Bilboko dendaren batean erositako aldeanoen trajea. Aldeanoak. Baserritarren alaba naiz ni. Urtean pare bat aldiz haiek maite ditugun antza ematen dugu, baina nor gogoratzen da benetan baserritarrez? Esaten dugu ez garela astelehenetan azokara joaten lanean gaudelako, baina astelehen goizetan supermerkatuak bete egiten dira eroslez, Gernikako plaza ez bezala. Saihesbide berrian azpian erori dira baserri zaharrak, eta belardiak sasiak hartu ditu. Galtzen ari garenari erreparatzen ez badiogu, urtean lau urriko azken astelehen eginda ere, ez dugu lurretik eta lurrarentzat bizi ziren haien kontzientzia berreskuratuko. Loreak 2011-11-01 Gazteegia zinen betiko joateko. Hilerrira arte lagundu nizun loreak eskuan, baina ez nuen oso ondo ulertu hurrengo igandean zergatik ez zinen Lehenengo Jaunartzea egitera etorri. Zure argazkia ipini zuten aldarean presente egon zintezen, baina argazkia han egoteak, zure ordez argazki sinple hori han egoteak, nabarmendu egin zuen utzi zenigun hutsunea. Urte asko pasatu dira, baina oraindik ere gogoratu egiten naiz nola ezkutatzen ginen autobuseko jesarlekuen azpian eskolatik etxerako bidean. Ez duzu inoiz jakingo, baina kazetaritza amaitu nuen eta egunkari batean idazten dut egunero. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean hiru aldiz kantatu dut, eta lagunek pankartak egiten dizkidate animatzeko. Bai, lagun zoragarriak egin ditut honainoko bidean. Ez gara autobuseko eserlekuen azpian ezkutatzen, baina hogeita hamarrak ondo pasatuta ere, jarraitzen dugu okerkeriak egiten. Umeegia zinen beti-ko joateko, eta umeegia nintzen ni ganoraz agur egiteko. Gauza gehiegi utzi zenituen bizi gabe, eta gauza gehiegi gelditu zitzaidan barruan zuri esan gabe. Gaur, berriro ere egingo dut hilerrirainoko bidea, fedez baino gehiago pozez, eta lore bat utziko dizut bizi zinela eman gabeko muxu guztien akorduz. Biharamuna 2011-11-02 Kosta zait betiko kafetegira heltzea. Kristalezko zein plastikozko botilak ostikopetik kendu ezinda egin dut hiri erdirainoko bidea. Oinezkoentzat bakarrik diren kaleen hegaletan plastikozko eta kristalezko espaloi artifizialak egon dira, eta erditik ibili da jendea, burumakur. Kafea eskatu dut eta lotsa pixka bat eman dit atzo neu ere parrandan ibili nintzela onartzeak: lurrean egon den zikinkeria guztiaren ehuneko zero koma bost edo neuk botatakoa izango zen. Kale garbitzaileak izerditan ibili dira kale printzipalak garbitzen, eta betiko moduan, azkenerako utzi dituzte bazterrak. Taberna batzuek ez dituzte ohiko orduan zabaldu, eta eguerdian oraindik garbitu nahi eta ezinean ibili dira. Pertsiana azpitik plastiko eta kristal gehiago botatzen izan dute kalera zenbait lokaletatik, eta zabor biltzaileek ez dute kamioi bakarrarekin aski izan. Pintxoa jan eta kotxerantz noala, espaloian lo seko egon den mutil batekin estropezu egin dut, eta ez da konturatu ere egin. Standak batu dituzte, eta udaltzainek trafikoari itxitako kaleak zabaldu dituzte. Tabernariak pozik daude atzoko jendetzarekin eta jendea goiz oheratuko da gaur atzoko eta gaurko loak gau bakarrean egiteko. Bihar beste egun bat izango da. Txertatzen 2011-11-03 Hego haizearekin batera mukiak eta eztulak ekartzen dizkigu udazkenak. Tenperaturen gorabehera ero honetan, etxe guztietara sartzen da gripea. Zaharrak eta bronkioetako gaixotasunak dituztenak arrisku handia dutenez besteok baino gripe gogorragoak pasatzeko, txertoa jartzeko kanpaina egiten du Osakidetzak gurean. Ez digu esaten sintomaren bat badaukagu ohean gelditzeko, lasaitzeko, erritmoa jaisteko, ez. Badaezpada txertoa har dezagula da osasun agintarien aholkua. Eta ez dut nik esango txertoa txarra denik, baina gaixotasunei aurrea hartzeko beste bide batzuk ere izango dira. Kontua da enpresa farmazeutiko handiek saldu egin behar dutela eta guk gaixorik sentitu behar dugula horretarako. Txertoetan doan dirutzaz gain, kontrolik gabe kontsumitzen dira muki jarioa egun bakarrean kentzen duten pastillak edo sobreak, eta inor ez da egun batez ohean gelditzeko gai. Gure lanean ezinbestekoak bagina bezala joaten gara lanera sukar eta guzti, birusa etxean hil ordez, lantegian hedatuz. Iruditzen zait txertoa bera baino gehiago txertatzen digutela medikamentuak derrigorrezkoak diren sentsazioa, eta batzuek beherapenetara joaten garen moduan joaten direla beste batzuek medikuarenera eta farmaziara. Binaka 2011-11-04 Baserria konpontzeko diru bila hainbat ate jo genituen ahizpak eta biok. Erantzun polit bat ez genuen jaso, baina bereziki erantzun batek larritu ninduen. Begira-begira geratu zitzaidan banketxeko langilea eta esan zidan: «Mutil-lagunik ez daukazu?». Banekien nire fitxarako ez zela datu garrantzitsua, baina harrituta erantzun nion ezetz. Orduan, zera erantzun zidan: «Bada, aurkitu egin beharko duzu! Bakarrik zail daukazu». «Ahizparekin nator pack batean kontu honetan», esan nion, baina ez; horrek ez ninduen salbatuko: bikotekidea behar nuen, eta heterosexuala eta zuria bazen hobeto, noski. Norbera bakarrik kabitzeko zaila bada gizarte hau, pentsa ezazue zer izango den binaka kabitzea. Ni ohituta nago ohera bakarrik joaten, eta bakarrik jaikitzen, eta tarteka zenbait gauzaren falta igarri arren, ez naiz hain gaizki bizi, benetan. Ez dut ulertzen zergatik behar dugun beste norbaiten besotik joan bankura dirua eskatzera. Ni banaiz nor osoa eta bakarra, eta badaukat lana, eta bizitza proiektu bat. Harrezkero, burkoari galdetu izan diot ea hain txarra den bakarrik egotea, eta neure buruari erantzuten diot akaso bankuek nahiago izango dutela jendea binaka engainatzea. Hartara, eskukada bakoitzean txori biri osten diete. Migrazioak 2011-11-05 Epeltasun bila iparraldetik hegoalderantz doazen hegaztiek Euskal Herrian aurkitzen dute atsedena. Urrutitik begiratzen diegu prismatikoekin, ikaratuta alde egin ez dezaten. Izugarri gustatzen zait Urdaibaiko itsasadarrean pausatutako hegaztiei begiratzea. Ingurua guztiz kontrolatuta daukaten sentsazioa transmititzen didate; lasaitasun osoan daudela ematen du. Hegaztientzako propio prestatutako lekuak daude, hegoalderako bidean pausa daitezen eta deskantsu har dezaten. Ez dira egunero dozenaka ikusten, baina bertan zaudela suertatzen direnean gauza ederra izaten da begira egotea. Bizimodu berriaren bila hegoaldetik iparralderantz datozen pertsonek ez dute Euskal Herrian ere atsedenik aurkitzen. Urrutitik begiratzen diegu geure pausoan goazela, eta ez zaigu gustatzen begira egotea. Gaizki begiratzen diegu ea etorri diren bidetik alde egiten duten. Ingurua ez dute kontrolatzen, eta urduri daudela ematen dute. Ez dago hegoaldetik etorritako pertsonak hartzeko propio prestatutako lekurik. Ez dugu nahi gurean atseden har dezaten iparralderagoko bide neketsuan. Egunero ikusten ditugu dozenaka, baina inguratzen zaizkigunean nahiago izaten dugu ez begiratu, CDrik edo gerrikorik sal ez diezaguten. Neurriak 2011-11-06 Kreditu txartela eta dirua poltsan sartu, eta pozarren abiatu naiz gaur ere ispiluaren aurrean dotore egon nahi dudanerako zerbaiten bila. Holakoetan kirola egiteak ez dit ardura izaten, eta gogotsu ekin diot bideari. Sartu naiz denda batean eta bestean eta beste batean ere bai. Seigarrenean garbi ikusi dut: ez dago nire neurriko arroparik. Kontsumitzeko gogoa belarritakotan edo seguru kabituko zaidan zerbaitetan ito orduko, azken ahalegina egin dut. Alferrik. Ez dago ezer. Orduan gogoratu naiz badagoela denda bat nire moduko emakumeentzat, baina ez dut hara joan nahi: erakusleihoko kartelak neurri bereziak jartzen du. Nik ez dakit zergatik izan behar duten nire neurriek bereziak argalegi daudenentzat denda guztietan badago arropa. Ez dut inoiz ulertuko nola izan daitekeen normala 25 urtetik gorako emakume batek 14 urteko ume baten neurriko arropa erabiltzea. Denda guztietan daude neurri txikiak, eta handiak oso gutxitan. Norbaitek esplikatuko dit zergatik den hain berezia 44 edo 46 neurriko praka parea, eta hain normala 34 edo 36 neurrikoa? Garagardo eder batean xahutu ditut arratsaldeko lehenengo euroak. Ni ez naiz berezia. Ez da nire kulpa irribarrea ez bazait XS neurriko soinekoetan kabitzen. Ohikoa 2011-11-08 Gipuzkoako egoitzako lankideekin hitz egitea tokatzen zaizu, eta norbaitek galdetzen dizu, «gaur pozik egongo zara, ezta?». Ez dakizu zertaz ari den, eta eskertu egiten duzu telefonoz hizketan egotea daukazun mamala aurpegia inork ez ikusteko. «Atzo Athleticek irabazi egin zuen», esan dizu seguru, baina zuk ez dakizu oraindik zein den pozteko motiboa. Parrandan zaudela nongoa zaren galdetzen dizute, eta bizkaitarra zarela susmatu orduko, «Atlheticekoa, beraz», esaten dizute. Edo lan berri batean hasten zara Donostian, eta lehen egunean esaten dizute, «zu Athleticekoa izango zara, noski!». Zuri bururatzen zaizun erantzun bakarra «ez» da, baina lehorra ez izatearren, «ez zait futbola gustatzen» gehitzen duzu. Bazoaz Gasteizko taberna batera lagun batzuekin, eta haien lagun bat agertzen da; orduan esaten du batek, «hau zure taldekoa da». Askotan entzun duzu, eta lehenengoan ulertzen duzu Athleticekoa dela. Nazkatuta nago. Litekeena da ohikoa izatea bizkaitarrak Athletikecoak izatea, gipuzkoarrak Realekoak, eta nafarrak Osasunakoak. Ohikoa izango da, baina ni Muxikakoa eta Bizkaikoa izan arren, ez naiz Athletikecoa. Jarraituko duzue denok horrela begira, edo berba egingo dugu beste zerbaitez, mesedez. Aitortzak 2011-11-09 Egunkari batean irakurri nuen gure gatazka honetan egindako minen aitortza egiteari buruzko artikulu polit bat. Facebookera igo nuen, eta gogoeta interesgarriak egin zizkidaten zenbait lagunek. Aldi berean, beste lagun batzuek sare sozialetan eman zuten Matalasen hilketaren urteurrenaren berri. Nik ez nekien azaroaren zortzian moztu ziotenik burua Mauleko apaiz iraultzaileari, baina hala gertatu omen zen 1661ean. Batzuen memorian gaur ere lekua du oraindik, baina iragan mendeko gauzekin ahaztu egin gara guztiz. Aitortzaz ari ginela, Matalas etorri zitzaidan bidera, eta nolabait lotu egiten nituen nire buruan. Egindako mina egin egin duela aitortu behar du hala egin duenak, eta 1661 urrutiegi dago aitortza ariketa historikoa egiteko. Baina oraintsuago egindakoak ere ez ditugu gogoratzen. Lurrak estali zituen hilobiak, eta besterik ezean karez erre zituzten izenak. XX. mendean berreskuratu genuen Matalas, baina ezingo ditugu beste 300 urte itxaron Euzko Gudarostea berreskuratzeko. Ez dugu ariketa mingarririk egin nahi, baina benetako aitortzarik izango bada, egin egin beharko da. Memoriaren hilarriak mugituz gero, lur gainekoak ere mugituko dira, eta errudunak seinalatzen dituenak ez du erruduna izan nahi. Arazoa 2011-11-10 Espainiako komunikabideak aztoratuta dabiltza Palmako Dukea, ustez, diru publikoaz baliatu delako aberasteko. Titulu asko idatzi dituzte, baina ez dakit zergatik harrotu dituzten hautsak orain, Palmako Dukea, haren aitaginarreba eta amaginarreba, emaztea eta koinatu-koinatak gure kontura bizi badira bestela ere. Noiz egin du lan Juan Carlos I.aren familiak? Eta guri ere, espainiarrak ez izan arren, eragin egiten digu gai horrek. Guk ere ordaintzen ditugulako alfer kuadrilla horren kapritxoak. Orain, oinordekoaren oinordekoari euskara ere irakatsiko omen diote eta gaitz erdi! Francok ipini zuen erregea orain dagoen lekuan, eta herritarrek hala nahi duten galdetu ere egin gabe jasan behar izan dugu pertsonaia horren presentzia; baita Euskal Herrian ere. Erdi Aroan artotan edo garitan kobratzen zutena dirutan kobratzen dute orain, eta batzuentzat gauza normala da. Bada, ez; ez zait normala iruditzen. Arazoa ez da Palmako Dukeak faktura faltsuak erabili izana: arazoa da, inolako fakturarik erakutsi gabe, guztion diruz ordaintzen dituztela beraien luxu guztiak, eta protokolo bidaietan gastatzen duten diruarekin hobeto egingo geniokeela aurre krisiari. XXI. mendean monarkiaren existentzia bera da arazoa. Doazela porai! Badoaz 2011-11-11 Gehienetan autoz pasatzen naiz Zabaleko trenbidearen gaineko zubitik, baina oinez noanean ere ez dut Paula han ikusten. Urteak dira Eustasioren falta dagoela goiko pinudian; inor ez da egoten han eserita Besangizera begira. Sabinen Ducadosak ez du kerik ateratzen, eta Balendinek eta Klarak ez didate txokolaterik ekartzen astelehenetan. Mariaren taberna itxita dago, eta beste Maria biak falta dira. Parranda egitea ez da hain ederra: goizeko 10:00etan etxera noala, ez zait Erasmo barreka etortzen lanerako aitzurra eskainiz. Etxetik perfumatuta ateratzen naizenean ez dut Aiko ikusten muxu bi emateko, eta Juezak ez gaitu bidean gelditzen jakin nahi duen guztia galdetzeko. Batzuk Alzheimerrak eraman zituen; beste batzuk beheko errepideko zirkulazio handiak, eta bakarren bat logureak eta nekeak. Medikuak dio Irene ere badoala. Belaunaldi osoa ari zaigu joaten Zabalen, eta munduari berdin dio. Mundua abiadura bizian doa beheko errepide nagusian, baina guri nork egingo dizkigu txurroak eta txokolatea hotz egiten duenean? Nori kontatuko diot nik alfonbra gorriarena, Irene, nori? Pena ematen dit. Gure umeei inork ez die kontatuko 1937ko apirilaren 26an nola ikusi zuten goizean goiz hegazkin bat zeruan bueltaka. Egunak 2011-11-12 Beti ez naiz berdin jaikitzen. Batzuetan hobe izaten dut ez jaikitzea ere, baina jaiki egin behar denez, jaiki egiten naiz. Alkandora berrira botatako lehen kafetik, afalorduan jasotzen dudan dei desatseginera arte, ez zait ezer ganorazkorik gertatzen egun batzuetan. Goiz joaten naiz ohera halakoetan, hurrengo egunean guztia desberdina izango den itxaropenarekin. Eta gehienetan, hurrengo eguna desberdina izaten da: inoizkorik kafe gozoena egiten dut goizean, espero gabeko deiak jasotzen ditut, lagun zaharrekin topo egiten dut, behar nuen zera hori aurkitzen dut... kontua da ez dakidala zergatik diren desberdinak egunak. Edo, hobeto esanda, kontua da pentsatzen dudala egunak berdinak direla berez baina neu naizela aldarte hobea edo okerragoa izaten dudana. Egun guztiek dituzte 24 ordu, gehienetan lanera joaten naiz, izaten ditudan konpromisoak ere gutxi gorabehera antzekoak izaten dira, baina batzuetan lagun zahar batekin topo egitea erregalutzat hartzen dut eta besteetan astunkeria itzela balitz legez. Errutinak, baina, ez du derrigor txarra izan behar. Neu naiz egunak politak izatea lortu behar duena. Izango dudanaren esperoan egon gabe, dudanarekin gozatzen dudan egunetan, ez naiz nire buruarekin haserretzen. Etxean 2011-11-13 Jehovaren lekukoek gelditu naute kalean (berriro ere). Aldizkari pare bat eman didate irakurtzeko. Esan didate oso interesgarriak direla, eta ez dizkiotela edonori ematen. Antza denez, halako material baliotsua alferrik galtzea pena litzateke, eta interesa duenari ematen dizkiote zerok irakurri ditzan. Ezin izan diot tentazioari eutsi eta hartu egin dizkiot emakumeari aldizkariak. Poltsatik atera eta eskura eman dizkit, eta esateko zeukana adi entzun diot. Ez da Jehovaren lekukoekin topo egiten dudan lehen aldia, eta gutxi gorabehera betikoa esan dit. Ondo ulertu diodalakoan egin dut kalean aurrera, baina ez diot jakin-minari luzaroan eutsi: aldizkariak irakurtzen hasi naiz. Ahalegina egin dut hain testu interesgarriak izan behar zutenok ulertzeko, baina ez dut lortu. Izenburua lau bat aldiz irakurri dut zer esan nahiko zuen ondorioztatu baino lehen, eta testuaren bigarren lerrora heldu orduko amore eman dut. Aldizkariak errumanieraz idatzita zeuden! Ez didate egundo euskarazko testu triste bat eman neure etxera etorri direnean ere, eta orain, gurean bizi diren hizkuntza arrotzetan idazten eta publikatzen hasi dira. Eta zeren aurpegia ikusi dit emakume horrek ni naizen bezain euskaldun folklorikoa izanda? Galderak 2011-11-15 Nire barruan beti izan ditut erantzunak baino galdera gehiago, eta horrek eraman ninduen behinola kazetaritza fakultatera. Orain ere nire barruko radar guztiak pizten zaizkit norbait ez dakidan zerbaiti buruz hitz egiten hasten zaidanean. Ez dakit lotsatu egin beharko nukeen, baina izugarri gustatzen zait galderei erantzunak bilatzea. Dena edo ia dena interesatzen zait. Jakin egin nahi dut. Hala ere, fakultatetik kanpora bizi izan dudan kazetaritzak ez du galderarik. Grabagailua hartu, eta prentsaurrekoetara joaten dira kazetariak. Hainbeste prentsaurreko egiten direnez, gainera, aukeratu egiten du kazetariak, edo saileko buruak, zeintzuetara joan eta zeintzuetara ez. Ez dago notiziaren atzetik ibili beharrik, galdetu beharrik, irakurri beharrik. Halako lekura joan; apunteak ondo hartu, eta txukundu. Horretara mugatzen da askoren kazetaritza. Eta orain urte batzuk moda berria sortu zen: galderarik onartzen ez duten prentsaurrekoak. Hori ezin dut ulertu, eta ezin dut jasan. Erantzunik ez daukanak hobe luke isilik egon esaten ari denari buruzko erantzunak izan arte. Ez bakarrik kazetarien lanari zor zaion errespetuagatik, esaten ari dena interesatzen zaien guztiei zor dielako baizik. Diktaketak eskolan egiten genituen. Autolesioak 2011-11-16 Igor Porturi ospitalean egin zizkioten argazkiak ikusi nituenean, mutil zorteduna zela pentsatu nuen. Txarren egonda ere, banekien ospitalean hobeto egongo zela polizia etxean baino, eta, bien bitartean, Mattin Sarasola polizia etxean zegoen. Auskalo zein zulotan, zein egoeratan, zenbatgarren kolpea jasotzen, zenbat poliziaz inguratuta, zenbat wattetako elektrizitate deskargen mehatxupean... Epaitu zituztenean, kontatu egin zuten egin zietena, baina Espainiako justizia sistemak bigarrenez kolpatu zituen: ez entzunarena egin zuen. Atxilotu zituzten guardia zibilak ere epaitu zituzten. Epaiketa bera beharrezkoa zen, baina pentsatzen dut hirugarren kolpe lehorra jasoko zutela bertan: jasandako guztia, kolpe bakoitza, mehatxu bakoitza, berriz ere bizi izan zutelako kontatu ahala. Baina Espainiak kolpatzen zaituenean, kontzientziaz kolpatzen zaitu: Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin ditu Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Portu eta Sarasola torturatzeagatik zigortutako Guardia Zibilak. Beste kolpe bat. Dena egin omen zioten beraiek beraien buruei, den-dena. Begi ubeldu hura, eskumutur haustu haiek, bizkar belztu hura, bernetako arrasto haien gorri bizia... eta besarkatu nahi eta ezin hau. Kolpeak, eta kolpeak, eta kolpeak... Eskuburdinak 2011-11-17 Eskuburdinek ez dute efektu bera atxilotu guztiengan. Euskal Herrian, eta batez ere kausa politikoengatik atxilotzen dituztenak, eskuburdinak jarri orduko izenak esaten hasten dira. Nahi gabe, eta inork behartu gabe oka egiten dituzte dakizkitenak eta ez dakizkitenak; badaezpada ere. Euskal Herrian atxiloketak inoiz ez dira banan-banan etortzen: eskuburdinak dituenak zenbat eta ordu gehiago egin komisarian, orduan eta jende gehiago ateratzen dute gauez ohetik. Andaluzian, ostera, atxiloketak banan-banan gertatzen dira. Eskuburdinak jartzen dizkiote umemoko biri, eta, gogorik ez dutenez, ez dute esaten hil duten adingabeko neska non lurperatu duten. Ezta abokatuaren, fiskalaren, familiaren eta epailearen aurrean ere. Andaluzian, eskuburdinek ez dutenez Euskal Herrian duten efektu bera, umemoko bik adarra jotzen die justizia sistema ordaintzeko zergak ordaintzen dituzten herritarrei. Ez nuke nahi, inondik inora ere, eskuburdin magiko horiek Euskal Herrian duten efektua Andaluzian izan dezaten, noski. Hori esango banu, torturaren apologia beldurgarria egingo nuke. Izan ere, torturarik ez badago, eta eskuburdinak magikoak ez badira, zuek esplikatuko didazue halako desberdintasunak zer dela-eta sortzen diren. Lorrina 2011-11-18 Herri txikietara enpresa handiak datozenean jendea poztu egiten da. Pentsatzen dut muxikarrak ere asko poztuko zirela 1963an FINSA-INAMA Kurtzerora etorri zenean. Lan asko eta buruko min gutxi eman zituen lantegiak hasierako urteetan, baina denborak aurrera egin ahala, buruko minak gehitu egin dira. Langile askok lan egin du han, eta enpresak hori ondo erabili du: nahi dudana egiten ez badut, joan egingo naiz. Egoera belztu egin da ordea: lantegiari Ingurumen Baimen Bateratua kendu dio Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak ez zion eman handitzeko baimenik, opor fiskaletan ordaindu gabeko zazpi milioi euro itzuli behar ditu… eta ixtea erabaki du. Langileek udalari ere eskatu dizkiote kontuak; enpresaren zarataren erruz lorik egin gabe daudenak seinalatu dituzte askok; EAJk —hogei urtez alkatetzan— Bilduri bota dio errua; buzoian hainbat eskuorri utzi dizkigute norbaitzuek gezur piloa kontatuz, eta dena kakaztu da. Jendea haserre dago; igarri egiten da tentsioa taberna batera sartzen zarenean. Hiltzailearen jokoan bezala ari gara herritar guztiok albokoa seinalatzen: nik zu, zuk hura, hurak ni, nik haiek… Eta zer egin dute enpresariek? Guri lana ekartzera etorri ziren gizon on horiek? Diruak hartu, eta beste batera joan. Hausnarketa 2011-11-19 Behiek erraz egiten dute hausnar. Beste ezer egitekorik ez daukadanean begira egoten natzaie, eta dotorezia handiz hausnartzen dute. Han ibiltzen dira burua makurtuta belar bila, eta aurkitu ahala, jan egiten dute. Gero lurrean etzanda, gerizpean jarrita, alanbraden inguruan zutik, hausnar egiten dute. Jandakoa berriz jatearen antzeko zerbait omen da hausnartzea. Behiengana hurbilduz gero, barruan errota bat dutela ematen du hausnarrean badaude. Erraza dirudi, baina ez da. Hamabost egun izan ditugu informazioa jateko, eta gustuko proposamenaren bila ziur joan garenok ere beste milaka mezu irentsi ditugu. Telebista, irratia, kalea, jendea… ezin izan diegu mezuei ihes egin. Barruan errota bat daukagu guk ere martxan; baita botoa nori eman argi dugunok be. Errota guztiak lehertuko dira hautestontzietan, maiatzean lehertu ziren bezala, eta urte eta erdi barru lehertuko diren bezala. Hauteskunde batzuek dakartzaten aldaketak hausnartzeko astirik gabe heltzen dira hona hurrengo hauteskundeak. Hamabost egunean bonbardatzen gaituzte eta egun bakarra ematen digute hausnartzeko edo erreflexiorako. Batek esan zidan moduan, hausnarketa egunak baino, arnasketa egunak beharko ditugu laster boto-emaileok. A-20 2011-11-20 Gaur beteko dira hogeita hamasei urte euskaldunen ametsik gaiztoenetako bat amaitu zela; izan ere, gaurko moduko egun batean hil zen Francisco Franco, askok nahi baino urte gehiago bizi ondoren. Diktaduraren amaieraren pozak ez zuen asko iraun. Badaezpadako trantsizio baten ostean demokrazia deitu zioten zera ilun bat eraiki zuten Espainian. Zera horrek torturak ahalbidetu ditu gaur arte, alderdiak legez kanpo uzteko aukera eman du eta legeak aldatu egin ditu Espainia kolokan jarri dutenak gehiago zigortzeko. Demokrazia izenean baino ez duen munstro horrek Francok hiltzen zituen moduan hil ditu hemen gatazka bat egon badagoela esatera joan zaizkionak, eta ez du inoiz onartu gatazka konpontzeko bide bakarra eseri eta hitz egitea denik. Eta hala, gaurko moduko egun batean, Josu Muguruza hil zuten Madrilen. Norbaitek nahiago izan zuen kongresura ez zedila inoiz heldu. 1989ko azaroaren 21ean Muguruza gabe osatu zituzten Madrileko kongresua eta senatua. Ez dut uste gaur Espainiako presidentetzarako lehiatzen ari diren alderdiei asko ardurako zienik. Beraz, gaurko eguna ez da atzokoaren biharamuna bakarrik. Gaur azaroaren 20a da, eta senak esaten dit, 2011ko azaroaren 21ean, Muguruzari eskuetan gelditu zitzaion mezua bere lekura helduko dela. Zenbaketak 2011-11-21 Letretakoak garenontzat ehunetik gorako zenbaki guztiak handiak dira, eta ehun milatik gorakoak izugarriak. Imajina ezazue, beraz, atzo gauean nola nituen begiak hainbeste zenbakiren artean. Hainbeste mila boto, hainbeste eserleku, ehuneko ez dakit zenbat igo bototan, ez dakit zenbat mila boto jaitsi... baina zoramenaren erdian zoriontsu ere sentitu nintzen, ze arraio! Hego Euskal Herrian atzo emandako milaka botoak askotariko helburuekin emanak izango ziren, zalantzarik gabe. Batzuek tabakoaren legea ken dezaten emango zuten botoa; besteek, eskuinak irabazi ez dezan; besteren batek, homosexualen arteko ezkontzak bermatzearren; gutxi batzuek, konpetentzia berriak eskuratzearen alde; eta askok eta askok, Euskal Herria badela erakustearren bakarrik. Hautestontziak ireki ziren. Bat, bi, hiru… urduritasuna. Lau, bost, sei… tximeletak urdailean. Zenbaketa amaitu zenean inork ez zuen onartu nahi izan galdu zuenik. Guztiek irabazi zuten: gehiengoa eskuratu duena zoriontsu da; galdu duena indartuta atera da; besteek badute proiektu hobea hurrengorako… inork ez du galdu, antza, baina bada bat atzo bereziki irabazi zuena: Euskal Herria. Ilusioa berreskuratu duen herria da gurea, eta askoren begietan sumatu genuen zenbakietan neurtu ezin daitekeen indar hori. Muxuak 2011-11-22 Ez esan ez zaizuela muxuak ematea eta hartzea gustatzen: matrailetan, ezpainetan… edonon. Ez esan aspaldiko lagun bat ikusten duzuenean ez duzuela konpromisozko muxu biak baino gehiago emateko gogoa izaten. Ni al naiz maite dudan jendearekin nagoenean eskatu gabeko muxuak ematen dituen bakarra? Ez gaizki ulertu, ez naiz inpultso sexualak deskribatzen ari, muxu emateko beharra baizik. Ez esan umeek pa emateko adurrez betetzen zaituztenean ez zaretela urtzen. Ez al dugu guztiok muxuren bat bereziki gordetzen bihotzeko txokoren batean? Muxuak ematea hartzea bezain zoragarria da, eta gainera, kaloriak erretzen dira ematean. Badira muxu bereziak ere, larru jotzerik onenen pare iltzatzen direnak memorian. Ezin dut imajinatu nire bizitza muxurik gabe. Ez esan berdinak direnik muxurik gabeko egunak eta muxudunak. Bai, badakit muxu guztiak ez direla berdinak eta derrigorrean ematen direla asko, baina euskaldunok gure arteko distantziak apurtzeko ariketa egin behar dugu. Maitasun gehiago behar dugu, kontaktu fisikoa. Gure ezaugarria berbakoak izatea da, eta hori ondo dago, baina ezpainek ez dute berba egiteko bakarrik balio, eta muxu batek mila hitzek baino askoz ere gehiago esan dezake. Ez da sinplea 2011-11-23 Badakit jendeak beteta daukala burua hauteskundeen osteko panorama politikoaz eztabaidatzeko. Badakit gehienok nahiago dugula zoriontsu izango garen esparruetan jartzea arreta. Zoriona, egotekoan, eguneroko gauzetan dagoelako; eta horrela esanda hala ematen badu ere, ez da sinplea. Zoriona, badago, elkartzen gaituzten gauzetan dago. Azken batean, konpartitu ezin den zoriona garbigailuak jan duen loteria zenbakiaren antzekoa da: tokatuta ere, ezingo dugu erabili. Dena den, zoriontsu egiten gaituzten gauza txiki horietarako bidea oztopoz beteta dago, eta horrek izorratu egiten du zoriona. Umea izateko amorratzen dagoena ezin da haurdun gelditu, umerik nahi ez duena haurdun gelditzen da, mendeetan familiarena izandako enpresa itxi du beste anbiziorik ez eta lanean han hasi zenak, goizero egunkaria irakurtzea beste biziorik ez zeukana itsutzen ari da, babes ofizialeko etxeari uko egin dio lanik eta hipotekarik gabe gelditu denak, diruz ondo dagoena bikotekideak utzi du, dena ondo atera zaionari aitaren gaixotasunak ez duela bueltarik esan dio medikuak... eta lagun handi batek esaten dit bizitzan aukera bi daudela: zoriontsua izatea ala arazoak konpontzea. Guk arazo gehiegi konpondu behar izaten ditugu zoriontsuak izateko. Eskuliburua 2011-11-24 Kokoteraino nago. Ez zait Ternua eta North Face markako mendiko arropa gustatzen; edo bai, baina nik janzteko ez. Zer nahi duzue esatea? Mendira joateak ez dit ilusio berezirik egiten. Euskal Herrian egiten den musika gustatzen zait, munduan egiten dena ere bai, eta Espainian egiten diren horterada zenbaitekin izugarri gozatzen dut. Dantza soltea badakit, baina rantxerak kantatzen hobeto pasatzen dut. Behar baino diru gehiago gastatzen dut behar ez ditudan gauzetan, eta behar dudana baino arropa gehiago daukat. Konplejuak ditut nire gorputza ez delako inposatutako kanonetan sartzen, eta depilatuta ez nagoenean ligatzen badut, urduri jartzen naiz. Inoiz ez diot inori ken ditzan esan, baina rastei ez diet itxura higienikoa hartzen, eta beti oinetako berekin doan jendeak atentzioa ematen dit. Pelikula erromantikoak ikusten negar egiten dut, eta egun txarra daukadanean gominolak eta txokolatea jaten ditut oka egiteraino bete arte. Ez, nik ez dut abertzale-ezkertiar-feministaren eskuliburua betetzen. Urruti nago hortik, baina benetan zer gustatzen zaidan eta zer ez onartu nuenetik askoz ere hobeto bizi naiz. Egunen batean beteko dut manual osoa, ikasiko dut nolakoa izan beharko nukeen; baina bien bitartean, gutxienez, naturala naiz. Egun alu hau 2011-11-25 Arazoa handitzen ari zela ikusi zutenean, egun bat jarri ziguten gure arazoari irtenbidea emateko. Komunikabideetan hildako emakumeak gehitu ahala, egun alua jarri ziguten: azaroaren 25a. Hasieran etxeko indarkeria deitu zioten, eta gero indarkeria matxista. Baina, betiko moduan, aludunon arazotzat hartu zen. Geure burua geuk hilko bagenu legez; heziketak, erlijioak eta gizarte egiturak zerikusirik ez balute legez. Eta, noski, nik ez dut gure kontrako indarkeriaren kontra egiteko egun bat nahi. Nik nahi dudana da nire alaben gizartean bikoteak hildako emakumerik ez egotea. Katolikoek esaten dute gizonaren saihetsetik sortu zela emakumea, eta milaka urte geroago, gizonek saihetsak apurtzen dizkigute kolpeka. Baionako alkateak minigonei botatzen die bortxaketen errua, eta, bakea modan badago ere, emakume askok sukaldeetan daukate gerra. Nola konponduko dugu gure kontrako indarkeria guztia egun alu batekin? Zakildunok ulertu beharko duzue aludunok ez garela zuenak, eta instituzioek hobe dute egun alu hauek utzi eta gizarte libreago bat osatzen laguntzea: zakil eta alu librez osatutako gizartea. Bakarrik orduan utziko ditugu egun aluak alu-egunak ospatzeko. Eta ordena baino gehiago aldatzen zaio hitzari horrela irakurrita. Estralurtarrak 2011-11-26 Ikastaro oso bat pasatu nuen behin nire alboko neskari euskaraz bizi nintzela esplikatzen: «baina, baina... zu neska moderna zara», esaten zidan behin eta berriz, begiak zabal-zabal eginda. Bilboko Kafe Antzokian garagardo bat hartzen ari zarela euskarazko musika entzutea ohikoa da, baina ez joan aurreko espaloiko tabernetara. Ez dakite Berri Txarrak, Gatibu, Ken 7, Esne Beltza edo Bide Ertzean badirenik ere. Badut lagun handi bat, itxuraz munduan gertatzen diren gauzez asko arduratzen dena eta egunkaria sarritan erosten duena, baina nik azaldu arte ez zuen jakin 18/98 zer zen. Ordurako epaiketa ere amaituta zegoen. Ziurrenez izango dira galdera hauek sarritan entzun dituzten kazetariak: Euskarazko egunkaria? Non saltzen dute hori? Ingurukoek esaten didate asko irakurtzen dutela, baina, euskarazko liburuez hitz egiten hasita, arraro begiratzen didate. Ohi dudanez, nire albokoen elkarrizketa entzuten noa metroan, eta, disimulatzeko, ateetan eman didaten egunkaria irakurtzen hasi naiz: Titanen bizitza omen dago. Albokoek jarraitzen dute gaztelania garbian: hemen Espainian, guk espainiarrok... ez dago Titanera joan beharrik. Edo besteak edo ni, baina baten bat estralurtarra da Euskal Herrian bertan ere. Aukerak 2011-11-27 Gaur igandea da. Mezetara joaten ez garen arren, oraindik ere, funtzionatzen du igande eguerdiko txikiteoak. Meza ateratzen den ordurako, soziedadean edo tabernan egoten gara ateook fededunen zain. Txakolina eskuan dugula, ez da igartzen nor joan den mezetara eta nor ez, eta domekaroko elkarrizketetan galtzen gara: larunbat gaua, gero eta jende gutxiago dabilela kalean, norbaitek kontatuko du bezperan mutilarekin afaltzen joan zela eta jatetxeetan ez dela krisia igartzen… Egoera ekonomikoak okerrera egin duenetik txikiteoa asteburuetara mugatuta gelditu da, eta tabernek asko igartzen omen dute. Egia da tabernetan ibiltzera ohituta gaudenok beti ikusten dugula jende asko: jende asko dagoenean hala delako, eta gutxi dagoenean gehiago edaten denez, jende asko ikusten dugulako. Baina tabernariek igarri dute beherakada, eta haiekin batera marka handien banatzaileek ere bai. Eskaintzak gero eta ohikoagoak dira: menua merkeago, happy hourrak, pintxoak doan, zozketak, marka konkretu batzuk merkeago saltzen dira orain… nik ez dut tabernak ixterik nahi; galdua nengoke. Hala ere, aukera bi baino ez dizkiot ikusten honi guztiari: edo orain justu samar irabazten ari dira bai tabernak eta bai banatzaileak, edo sasoi batean diru asko egin dute. Krisia 2011-11-29 Esan ziguten oporretan etxean geratuz gero, ez genuela deskantsatuko, eta urruneko hondartzen bila joan ginen. Inork ez zuen gutxiago izan nahi, eta bankuetako ateak jo zituzten batzuek oporretarako dirua lortzeko. Batzuk krisirik ez zegoen garaiko oporrak ordaintzen ari dira oraindik. Inoiz gurea izango ez den etxe baten errenta ordaintzea dirua errekara botatzea dela sinetsi arazi ziguten, eta etxeak erosten hasi ginen guztiok. Gero eta garestiago jarri zizkiguten, eta krisirik ez zegoen garaiko etxebizitzak ordaintzen ari dira asko oraindik ere. Bizitzeko beharrezkoak omen ziren gauzak asmatu zituzten: bideo kameradun segapotoak, segapotorik gabeko bideo kamerak, gero eta definizio gehiagoko argazki kamerak, sukalderako telebistak, egongelarako telebistak, logelarako telebistak, autorako DVDak… ia dena erosi genuen. Gauza onak derrigor asko ordaindu behar zirela zioten zurrumurruek, eta dirua genuenean denda garestietara joan ginen modan egoteko. Gero krisia asmatu zuten, eta orduan bai, orduan benetan ari ziren. Orduan konturatu ginen gauza batzuk ez zirela beharrezkoak, baina ahaztuta genuen benetan zer den garrantzitsua. Itoegi gaude, zorrak ordaintzeko lan egin behar dugu, baina hori ere kendu egiten digute gutxien espero dugunean. Humanizatu 2011-11-30 Badakit Margaret Tatcherrek historia egin zuela: Ingalaterrako Lehen Ministroa izatera iritsi zen lehen emakumea izan zen. Meritua badu, baduenez, eta filma egin dute hari buruz: The Iron Woman (Burdinazko Dama). Ez dut ikusteko gogorik. Halakoetan filmek ohi dutenez, humanizatu egingo dute Tatcherren figura, ziurrenez: bidegilea, alaia, kezkatua… nik ez nuke ulertu nahi IRAko presoei astero bisita bat onartzea baino gose greban hil zitezen uztea nahiago izan zuen Lehen Ministroak bihotza bazuenik. Berdin dit emakumea edo gizona zen: sexuak ez du egindakoa aldatzen. Gizonen besteko gaitasuna badugula frogatu beharraren frogatu beharraz, gauza lotsagarriak egin ditugu emakumeok ere. Ez dut filma ikusi nahi. Azken arnasara arte goseari eta duintasunari eutsi zioten preso haien senideei seme-alabak indarrez elikatzeko ardura eman zien, eta behazuna irentsita, presoen nahia bete zutenei senideak hiltzea egotzi zien. Ez. Ez ditut historia egin duten emakume guztiak maite, historia egin duten gizon guztiak maite ez ditudan bezala. Ez dut Hollywoodek izorra nazan nahi, ez dut burdinaren atzean haragirik ikusi nahi. Errealitatean hala izan ez bazen, fikzioan zergatik ikusi behar dugu hezur-haragizko bihotza? Gutaz 2011-12-01 Bigarren perfila prestatzen ari zen talde bati klasea eman ondoren bulegorantza nindoan. Astelehen goizeroko moduan aharrausi batean nindoan kotxean irratiak berria eman zuenean. Logurea eten egin zitzaidan, eta zerbait apurtu zitzaidan non den esaten ez dakidan leku horretan. Nik ez nuen Mikel Laboa ezagutu; ez nuen inoiz harekin aurrez aurre hitz egiteko plazerik izan. Eta hala ere, beti egon da hor: etxean ikasi genituen kantuetan, agurretan eta ongi etorrietan, maitasunean, manifestazio amaigabeetan, bertsoetan... ez dakit azken ihesa betea izan ote zuen, edo bakea aurkituko zuen, baina guk orain ere etxe ertzeko loreak maite ditugu. Eta ikusten dugu liliak hosto hosto nola erantzi daitezkeen gizona kantuz kantu erantzi genuen moduan. Kontua da, musikaria erantzi ahala kantuak geure egin genituela, eta orain, kantatzen ditugunean, gu ere eranzten gara. Geuretzat izan ditugun gauzei buruz hitz egiten digute oraindik ere Laboak kantatzen zizkigun kantuek: izarrez eta hautsez, txoriez eta hegoez, negu hurbilaz eta uda beteko beroaz, zilbor esteez, lekeitioez, aintzinako bihotzez, Iturengo arotzaz, zure begien dir-dir eztiaz, aterpea eskatzen duten gizonez, egun saminez, neskatilen irriez eta Goizuetako gizon batez, liluraz... eta batez ere gutaz. Diktadoreak 2011-12-02 Liburuetan kontatu dutenez, Tuxpan ibaia ilunpean zeharkatu zuten, eta Mexikoko kostatik urrun zeudela ikusi zutenean piztu zuten argia. 1956ko azaroaren 25a zen, eta mugazainak engainatu zituztela ospatzeko Kubako ereserkia kantatu ei zuten. Gaurkoa lako egun batean iritsi ziren Kubara: 1956ko abenduaren 2an. Granma ontzia kostan utzi, eta ekialdeko mendietara iristea zen plana. Han prestatuko zuten iraultza, eta indarrak batu ahala, herrietara jaitsiko ziren ibilian-ibilian Habanaraino heltzeko. Camilo Cienfuegos bere zaldi gainean Habanan sartu zenean, ez ziren hamar yatetan ere kabitzen iraultzarekin bat eginda zeuden herritarrak. Lau eroren ametsa izandakoa, herri osoaren egia zen. Fulgencio Batista diktadoreak alde egin zuen, eta gobernua iraultzaileen eskuetan geratu zen. Ezinezkoa zirudien, baina lortu egin zuten. Are ezinezkoagoa zirudien urteen buruan, eta piztia hain hurbil izanda, eutsiko zutenik, baina eutsi egin dute. Orain espedizio haren buruari diktadore deitzen diote batzuek. Kontuz: ez dute dena ondo egin, baina gure eredu sozioekonomikoaren zilegitasuna kolokan jarri dute, bestelako ereduak posible direla erakutsiz. Eta horixe da iraultzaileei diktadore izena jartzen dietenei beldurrik handiena ematen diena. Egun bat 2011-12-03 Gaur abenduaren 3a da. Goizean, Bai Euskarari ziurtagiria banatzeko ekitaldia aurkeztuko dut Gernikan; ondoren, bertso bazkaria daukat Elantxoben, eta handik Etxebarrira noa, ziatikak jotako lagun batekin bertsotan egitera. Ez dira lan gogorrak, baina nekatuta nago atzotik: atzo goizean Bermeoko institutuan bertsotan egin genuen, eta gero Gernikako institutuko bertso saioan gaiak jarri, eta arratsaldean Urretxindorra ikastolan kantatzea tokatu zitzaidan, Bilbon. Egun guztiek dituzte hogeita lau ordu, baina bertsolarion, euskal idazleen edo kirolari euskaldunen abenduaren 3ak amaigabeak dira. Kalkulagailua atera duenari ere esango diot ez apurtzeko bururik: esandako guztiak eginda ere, ez naiz aberastu. Euskaraz aberastea oso gaitza da Euskal Herrian. Hemen gehien kontsumitzen diren telebista kateak, diskoak, liburuak, irratiak, aldizkariak, kultur adierazpenak... erdarazkoak dira. Pentsatzen dugu urtean egun batean euskarazko produktuen aldeko apologia eginda, euskara salba dezakegula, baina euskararen iraupena hiztunek bakarrik berma dezakete. Eta, hala ere, pentsatzen dut eskerrak egun hori daukagun, ze administrazioak duen jarrera ikusita, batzuengatik urteko egun bakarra ere ez litzateke izango euskararentzat. Ezin ahaztu 2011-12-04 Ni ere langile baten alaba naiz. Ez aita bezain langilea, baina langilea neu ere. Zuri ikasi nizun handitzen ginenean ikusiko genuela isilik egoteak zenbat balio duen, eta gizaberez jositako gizarte honetan halaxe izan da. Mundu guztiak agindu nahi du, eta gu, gizabereok, gero eta makurrago goaz haren edo honen zerbitzurako lanera. Ia inork ere ez ditu sustraiak lurrari lotuak. Zuk Euskadi behar zenuen, baina gaurko jendeari Euskadi txiki gelditu zaio; munduko hiritarren mundua da oraingoa. Dena den, lehen zein orain, mundua amodio amorek mugitzen du. Euskaldunoi asko kostatzen zaigu amorea deklaratzea, baina badugu maitasuna jendearentzat zein herriarentzat. Urtebete da amets gabeko loak hartu zintuela, eta ez dakizu Kantauriko urak nola handitu diren. Espero dut urak euren bidera itzuliko direla eta aro zoragarri bat zabalduko dela murgildu nahi dutenentzat. Xabier, zuk ezin zenuen Euskal Herri zeurea maite, eta, hala ere, ezin zenuen bizi bertatik aparte. Nik ez dakit Euskal Herri gureak merezi adina maite izan zintuen. Ez dakit. Ez nazazu utzi kantatzen zenigun zuk, eta azkenean zeuk utzi gintuzun. Gaur, bainila gozo artean kontsumitu nahi dut zure oroimena, iragan denbora arrotzean irakatsi zenigun guztiaren akorduz. Liburu bat 2011-12-06 Imajinatu duzue inoiz, inork zalantzan jartzen ez duen liburu batean jartzen duela Euskal Herria osotasun zatiezina dela? Ez da hain arraroa: 1978ko Espainiako Konstituzioaren bigarren artikuluaren arabera, Espainia osotasun zatiezina da. Imajinatu duzue inoiz, inork zalantzan jartzen ez duen liburu batek definitzen nor den gure estatuko burua? Ez da hain arraroa: 1978ko Espainiako Konstituzioaren zortzigarren artikuluak definitzen du erregea dela Espainiar Estatuko burua. Imajinatu duzue inoiz, inork zalantzan jartzen ez duen liburu batek esaten duela euskaldun guztiok ditugula Euskal Herria defendatzeko eskubidea eta betebeharra? Ez da hain arraroa: 1978ko Espainiako Konstituzioaren hogeita hamargarren artikuluak horixe esaten du espainiarrei buruz. Kontua da konstituzio hori defendatzen dutenek indarrez sartu gintuztela euren nazio horren osotasun zatiezinean. Guk ez genuen erregerik nahi. Are gutxiago, diktadore batek hil aurretik estatuburu kargua eman zion erregea; eta gure zergetatik jaten dute Juan Carlos Borboikoak eta haren familiak. Nahigabe ikasi genuen gure hizkuntza, lurraldea, nortasuna... defendatzeko betebeharra genuela, baina konstituzio horrek demokratizazutako alderdi politikoek ukatu egin digute garena defendatzeko eskubidea. Durango 2011-12-07 Euskal Liburu eta Disko Azokako egunetan gustatu egiten zait Durangora joatea. Azokan ikusi eta erosi, Goienkalen garagardo freskoak edan, goizaldean Plateruenako jendetzan lekua egin eta aspaldi ikusi gabeko lagunekin egon. Durangoko abenduaren hotzean oso erraza da gaizki amaitu ziren ligeei hurrengo tabernara ihes egitea, eta, Landakoko berogailuaren beroan, oso erreza da ondo amaitzea nahiko zenukeen fitxajeen aurrean abrigua kentzea. Bai, Durangoko azokak badu xarma. Hala ere ez dakit magia horrek ez ote gaituen euskaldunok itsutzen. Urte betean bururik altxatu gabe irakurtzen egoteko beste liburu erosten ditugu aurten bai eta hurrengo urtean ere bai, hainbeste interesatzen ez zaizkigun gaiei buruzko bideoak erosten ditugu egilea ezagutzen dugulako edo diskoak erosten ditugu gustatuko zaizkigun edo ez ziur jakin gabe. Azokako atean pentsatzen hasten naiz barrura doan bakoitza ze standetara joango den, eta ez dut inoiz asmatzen. Ezagutzen dudala uste dudan jendeak ere harritu egiten nau. Baina gustatu egiten zait Durangon sortzen den euskal irlatxoa. Hizkuntzen eta kulturen itsaso zabal horretan zerbait bagarela sinesten laguntzen dit, nahiz eta han erositako zenbait liburuk loka dauden mahaiak nibelean jartzen amaituko duten urtero. Durango II 2011-12-08 Landakoko ateak zeharkatu orduko, mikrofonotik norbait liburuak edo diskoak sinatzen ari dela abisatzen digute. Erosleok ilaran itxaroten dugu erosi dugun liburua edo diskoa sina diezaiguten, eta ez zaitezela aurrekoari lekua kentzera ausartu. Idazlearen edo musikariaren nekea ez dugu ulertzen sinatzen hasi denetik ordu bi pasatu direnean ere. Guk gauza originalak nahi ditugu: preso daukadan lagun batentzat da; ipini zeozer polita nire alabari; kanpoan bizi den semearentzat da; nire senarrari asko gustatzen zaio nola idazten duzun... eta euskal idazle eta musikariek irribarre bana oparitzen digute eurengana hurbildu garen berrehungarren aurpegia bagara ere. Asteartean pailazoak ikusi genituen azokan. Euskal Herriko umeek gehien maite dituzten pailazoak. Ehunka ume eta guraso hurbildu zitzaizkien argazkiak, muxuak eta sinadurak eskatzera. Bidean aurrera egiteko nahiko lan bazuten. Kokotean neraman ilobari pailazoei agur egiteko esaten nion, nekatuta zeudela, eta bide batez, haien inguruko korroa pasatu egin nahi nuen behar nuen lekura heltzeko. Bidean, guraso ezagun batzuk ikusi nituen, eta ilobarekin nuen elkarrizketa entzun orduko erantzun zidaten: «Gu ere nekatuta gaude itxaroteaz». Ze gogorra den Durango artistentzat. Psikopatak 2011-12-09 Bagenekin herri honetan erakunde armatu bat zegoela. Bagenekien erakunde armatu horrek jende asko hil duela 50 urteko jardunean. Bagenekien herri honetan uniformedun asko dagoela, eta, koloreak aparte, polizia indar guztiek torturatu egiten dutela. Bagenekien Espainiako Gobernuak fondo erreserbatuak erabili zituela euskal herritarrak hiltzeko, eta badakigu, hiltzaile horiek etxean bizi direla lasai. Kontua da, genekien guztiaren gainetik, argi genuela bai era bateko zein besteko hiltzaileek eta hildakoek argi izan dutela beti non eta zertarako dauden. Bagenekien guztiok ez genituela ekintza armatu berdinak defendatzen, baina bakoitzak jakin du berak defendatu dituen gizon-emakume armatuek zein helburu zuten. Oker egon gara. Euskal Herrian egin diren hilketa asko ezkerreko hankarekin jaiki diren gizon-emakumeek egin dituzte gustuko ez duten jendearen kontra; inongo polizia edo talde armatutako kide izan gabe. Ze guk bagenekien Andoaingo Udaltzainen burua ETAk hil zuela, baina orain epaileak esan du, ustez hura hil zuelako 32 urteko kartzela zigorra jaso duena, ez dela ETAkoa. Norbaitek azalpen logikoren bat izan dezake, baina hori ikusita, edo Euskal Herrian psikopata asko dago, edo Espainiako Justizian egundo sinetsi ez dugunok zuzen geunden. Gelditu 2011-12-10 Gaur mundua gelditu egingo dela irakurri nuen Espainiako kirol egunkari batean atzo. Egunkari horrek iturri fidagarrietatik ateratako datuen arabera, bostehun milioi lagunek ikusiko dute gaur Real Madrilek eta Bartzelonak jokatuko duten furbol partida. Munduak bueltaka jarraituko du, baina ulertzekoa da futbolzale horien mundu partikularra gelditu egingo dela. Laurogeita hamar minutuan pizzak, gominolak, garagardoa, ardoa, azkazalak... jan edo edango dituzte bostehun milioi lagunek, eta gu, bitartean, furgoneta batean etorriko gara Almeriatik etxerako bidean. Guretzat gaur ere mundua ez da geldituko. Kasualitatez ere ez dizkigute bisitak luzatuko, eta, gaur ere, labur egingo zaizkigu kristalaren beste aldera begira egindako minutuak. Euskal Herrira iristen garenerako atzoko zerbait izango da partida, munduak berdin jarraituko du bueltaka, eta gu hurrengo bisita prestatzen hasiko gara, gaur esan ez duguna hurrengoan esateko. Gaur mundua gelditu egingo dela irakurri nuenean, pentsatu nuen furgonetetan loak hartu ahal izateko errepideko marrak zenbatzeari uzten diogunean mundua gelditu egingo dela une batez; eta une horretatik aurrera, kilometroak memorian geldituko dira betiko. Eta munduak ordura arte baino askeago egingo du aurrera. Durango III 2011-12-11 Pasatu da. Badakigu zeintzuk izan diren libururik salduenak, diskorik sinatuenak. Honezkero, baten batek esango du gutxiago falta dela datorren urteko azokarako, eta honezkero, badakigu datorren urtean zuzendari berria izango duela. Kuriositateari eusten diotenek Gabonetarako gordeko dituzte Landakoko erosketak, eta besteok Olentzero datorrenerako diskoak markatuta edo liburuak irakurrita izango ditugu. Nik egundo ez diot kuriositateari eusten: erosi ditudan hiru liburuak hasi ditut, eta ez dakit zeinekin jarraitu. Akaso, hirurak uztea izango da onena; irakurriko ditut astia dudanean. Aurten, gainera, ez ditudanez libururik salduenak erosi, elkarrizketatik kanpo geldituko naiz berdin-berdin. Azokako atean lagun musikari batekin topo egin nuen, eta berbetan hasi ginen ekoizpenaz, salduenez, krisiaz... eta berak esan zidan arazoa dela batzuek pastelaren erdia baino gehiago jaten dutela, eta horrek pastelaren zatirik gabe uzten dituela besteak. Saltoki guztiek ez dute tamaina bera: batzuetan jendetza biltzen da, eta besteetan, inor ez... Hausnarketa eginda, Euskal Herriko kulturan iritzia kontuan hartzen zaien gizon-emakume askok liburu eta disko berberez hitz egiten dutela konturatu nintzen. Batez ere abenduan. Arrazoia izango ote zuen nire lagun hark? 'Señora' 2011-12-13 Kartzeletako metal detektagailu guztiak dira gogaikarriak, baina batzuk besteak baino gehiago. Almeriako kartzelakoa pasatzeko arorik gabeko sujetadorea erosi nuen aspaldi, baina joan zen zapatuan alferrik izan zen hori ere. Pi pi pi hasi zen metal detektagailua lehenengo bueltan, eta abiapuntura itzultzean berokia kendu nuen barreka: nola ez nintzen lehenago konturatu! Bigarrenez pasatu nintzen, eta berriz ere pi pi pi egin zuen makinak. Urduri jartzen da bat halakoetan: funtzionarioak begira-begira, beste senideak zain, ijitoak kentzen ari zaren prenda guztien errepasoa eginez… oinetakoen kordelak askatzera nindoala, señora entzun nuen. Neurean jarraitu nuen. «Aizu, señora…». Gero eta hurbilago sentitzen nuen ahotsa eta burua jaso nuen, «aizu, señora, buruan daramatzazun gauza horiek eta sortija handi hori ere kendu». Nirekin ari zen, eta señora deitu zidan bi aldiz! «Buruan daramatzadan gauza hauek orkila sinpleak dira, eta sortija hau zilarrezkoa da». Pasatu nintzen ortozik eta neure sortija handia gabe, eta gauza guztiak berriro ipini orduko, bakarrik gelditu nintzen. Azkena sartu nintzen lokutorioetan. Funtzionario batek lagundu zidan ateraino, nahiz eta bidea banekien: «Hemendik, señora». Arduratzen hasita nago: edade kritikoan sartzen ari naiz. Oharkabean 2011-12-14 Badira oharkabean pasatzen diren efemerideak, egunak eta orduak norbaitek gure memoriatik ezabatu balitu bezala. Badirudi gauza batzuk orain diren modukoak izan direla beti, inork ez duela ezer egin hala izan daitezen. Eskoletako liburu gehienek izen berdinak ahaztu dituzte. Aurtengo apiril ingurura arte ez dut jakin Clara Campoamor Donostian lurperatuta dagoenik. Nor zen Clara Campoamor? Emakumeok boto eskubidea izan dezagun lan egin zuen politikari bat. Baina ez zen espainiarra? Bai, baina besterik lortu arte guk espainiarrekin batera ematen dugu botoa udaletxerako, foru aldundirako, Autonomia Erkidegorako edo Madrileko Kongresurako. Beraz, gutxi bada ere, zerbait zor diogu. Boto eskubidea ez zuen demokraziak ekarri; bigarren errepublikan lortu zen, baina nork, noiz, nola? Ez dakigu garbi. Zergatik ez da efemeride garrantzitsua? Oharkabean pasatzen diren gauzarik gehienek zergatik dute emakume izena? Eta zergatik nator ni gaur honetaz hitz egitera? Ez dakit ziur, baina pentsatzen dut egun guztiak direla onak memoria ariketa egiteko. Nereak eta biok promes egin genion elkarri Campoamorri loreak eramango genizkiola Polloera. Pentsatzen dut isil-isilik joango garela, oharkabean; inork esan ez dezan erotuta gaudenik. Ahaztu 2011-12-15 Ez ahaztu alzheimerraz izan zen atzoko leloa, eta ni, nahi gabe, amama Klaraz gogoratu nintzen. Duela hogeita bost urte atzeman zioten gaitza, eta inork ez zigun garbi esplikatzen zer ari zitzaion gertatzen buruan. Egun batean diruak zertarako balio duen ahaztu zitzaion, eta gauza arraroak egiten hasi zen. Elizara eramaten genuen domeketan, eta meza osorik kantatzen zuen, baina nola gure izenak ahaztu egin zitzaizkion, ez zuen jakiten elizara norekin joaten zen esplikatzen. Gau batean hitz egiteko gogoa joan zitzaion, eta ez zigun berbarik egin sei urte luzez. Bere kabuz jateari eta edateari utzi zion, fardela ipini behar izan genion bere parteak ondo gordetzera ohituta zegoen emakume bati. Nortasun handiko emakume izandakoa sekulako karga izan zen guretzat bederatzi urte luzez: etxetik alde egiten zigun, eta inoiz ez zuen bueltarako bidea bere kabuz aurkitzen. Hurrengo sei urteetan presentzia soila izan zen, ohean geldi eta isilik. Begirada, berriz, non dagoen inoiz jakingo ez dugun mundu batean galduta. Alzheimerra krudela da: gaixoari guztia ahantzarazten dio, baina zaintzaileen memorian betiko gelditzen da. Ulertzen ez dudana da, halako gaixotasunak gero eta ohikoagoak diren gizarte honetan, heriotza duinerako aukera legezkoa ez izatea. Argazkia 2011-12-16 Ateetan bostekoa eman diote elkarri, eta zaharrak barrura pasatzeko esan dio gazteagoari. Argazkilariak tira eta tira ibili dira, eta flash hots artean polita izango zen gizon bien arteko elkarrizketa entzutea. Ezin, ordea. Lehen begiratuan badirudi ez dutela elkarri esateko gauza handirik, baina pentsatzekoa da gizon betaurrekoduna ez dela joan eskumuinak ematera. Hemezortzi urte pasatu dira zaharrak halako inor azkenekoz hartu zuenetik. Halako inor: hau da, ezkerrekoa eta Euskal Herriaren independentziaren aldekoa den inor. Batez ere, bigarrenari helduko diot nik, ze ezkerrean bolantea baino ez da gelditu XXI. mendean. Hemezortzi urteren buruan asko zahartu da Juan Carlos Borboikoa. Ordezkatzen dituen erakundea eta gizarte eredu feudala bezain zahartuta dago Espainiako Erregea. Errekondok Euskal Herriaren bakerako bidean konpromisoak eskatu dizkio, eta besteak baietz. Barruan, «zergatik ez zara isiltzen?» esango zuen bere kolkorako. Inork baino gehiago berak nahi izango du bakea gainera: herritarren lepotik lasai bizitzen jarraitzeko Mallorcan atentaturik izateko arriskurik gabe. Eskubaloi jokalaria izandakoa eta euskal herritarra da Errekondo, Juan Carlosen suhia bezala. Agian, alaba ezkontzerakoan pertsonaz erratu zela pentsatzen geldituko zen zaharra. Errelatoa 2011-12-17 Denbora igarri barik pasatzen da, eta ezin dut kalkulatu ere egin zenbat gauza pasatuko ziren Gernikan 75 urtean: berriak jaio ahala zaharrak hil egin dira, lapurretak egon dira, etxe berriak eraiki dira, jende berria etorri da bizitzera, kiroldegi berria dago, saihesbideak... baina bada zerbait bai Gernikak, zein Durangok eta Otxandiok duela 75 urte inguru egin behar izan zutena: erraustutako herriaren gainean herria eraiki. Ez zen erraza izango hildakoen eta gerratik itzuli ez zirenen oihartzunari eustea, baina eraiki zituzten kaleak, etxeak, parkeak... 75 urte beteko dira gure aitita-amamen memoria erre zigutenetik, eta ordua dugu guk ere gure egia kontatzeko; sasoia da etxean kontatu digutena egunkarietan argitaratzeko edo eskoletan ikasteko. Gaur goizean bilera berezia izango da Gernikan (10:00etan Elai Alai aretoan, bada ez bada), eta badaukat esperantza guztion parte hartzeak are eta bereziago egingo dituena datorren urteko ospakizunak. Gure errelatoa geuk idatzi behar dugu. Ez ahaztu, 1936an eta 1937an bonbak bota zizkigutenen ondorengoak direla oraingo demokratak, eta ezer idatzi dutenero, gezurra esan dute. Dagoen bertsio ofizial bakarraren arabera, Gernika gorriek erre zuten. Sasoia da historia ofiziala aldatzeko. Finala 2011-12-18 Gaur Illunbera noa. Duela urtebete BECera joan nintzen baino askoz ere lasaiago joango naiz. Bidean bazkaldu, kafea lasai hartu, eta han nonbait eseriko naiz. Ez dut ukatuko zortzi bertsolariak taulara bidean ikusten ditudanean emozionatuko naizenik. Badakit gai zail samarren bat entzuten badut urduri jarriko naizela, edo norbaiti bertsoak ihes egiten badio urdaila itxiko zaidala. Hala ere, izugarri gozatuko dudana badakit. Ez bakarrik bertsoez, baita giroaz ere. Hainbeste mila lagun isilik, bertsoa noiz hasiko zain, ondoren txalotan lehertzeko, edo negar egiteko, edo barreari ez eusteko. Txalo egingo diegu, naturalari, poetari, damari, esperientziadunari, faboritoari, bizkorrari, klasikoari eta freskoari. Eta igual da zein den zein, momentu bakoitzean halako edo bestelako roletik kantatuko du bakoitzak, eta guk dena eskertuko dugu. Bidean gelditu direnen pena izango dugu han gauden gehienok, baina orain, egindakoak eginda, finalean disfrutatu egin behar dugu. Ni arriskatzera nator. Ez da txapelerako daukadan izen bakarra, baina busti egingo naiz. Apustua onartzen didanari afaria jokatuko diot txahala izandakoak finaleko azken bertsoa bota baietz (ez aurpegi arrarorik jarri; bertsotan, azkena beti botatzen du irabazten duenak). Ezberdina 2011-12-20 Bi aldiz esan gabe ere sinetsiko didazue bertso saio asko entzundakoa naizena, eta horietako asko txapelketakoak izan direla. Dena den, bertso asko entzun eta bertsolari asko ikusi baditut ere, igandean Ilunben bizitakoa ezberdina izan zen. Orain arte bertso txapelketetako finaletan egin gabeko gauza asko egin ziren Ilunben: kartzelako gaia bideo bidez eman, bertsolariak mikrofonoak baino gorago eseri, finala seiko motzarekin hasi, gai jartzaileek ez zuten hankadun mikrorik izan eta parkeko banku batean eserita zeudela zirudien… Hala ere, amaierak harritu ninduen gehien. Esan zuten txapeldunaren izena (zorionak Aitor! ), eta txalotu genituen haren ostean zetozen izen guztiak. Etorri ziren Kalitatea Fundaziokoak eta Kutxakoak eta BERRIAko Zuzendaria eta Bertsozale Elkarteko kideak eta Laxaro Azkune. Eta tartean, han izan ziren, Donostiako alkatea eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusia. Eta inork ez zien txisturik jo, eta pentsatu eta pentsatu, ohartu nintzen agian ez dela ideologia kontua bakarrik izango. Jarrerak ere zer esana badu, eta memorian arakatuta, ez nuen aurkitu Bilboko alkaterik edo Ahaldun Nagusirik Bizkaiko azkeneko finaletan. Eta horrek asko esan nahi du ekitaldi bati ematen zaion garrantziaz. Birusak 2011-12-21 Gizarte modernoan gauza kuriosoak gertatzen dira. Ordenagailua piztu, eta posta elektronikoko postontzia zabaltzen duzun ia aldiro abisuak jasotzen dituzu: halako mezua birusa da, halako gonbidapena bidaltzen badizute ez ireki disko gogorra jango dizu-eta… harrigarria da zelako azkartasunarekin abisatzen diogun elkarri ordenagailua birusak harrapatzeko arriskuan badago. Birus errealei buruz, ordea, ez du inork ezer esaten. Ekarri zuen gure txotxok eskolatik birusa, eta hemen egon zen gau osoan umea botaka eta negarrez. Gero umearen ama jausi zen (gure ahizpa, alegia), eta amama eta aitaita ere bai. Azkenean, umearen izeba batek deitu zigun zein gaizki zegoen esplikatzeko, eta jausi behar zuenez, jausi zen izeko gazteena ere (neu, alegia). Zergatik ez digute abisatzen umearengana ez hurbiltzeko, bere gorputz txikian bonba nuklear bat daukalako erasorako prest? Egin barre, baina amorru handiena ematen didana da farmaziara joan, eta gure herri txiki honetan denek dena dakitenez, farmazeutikoaren errosarioa entzutea: goiko etxeko zaharrak ere badauka, zuen alboko umeak pasatu du… eta zuk, hainbeste jakinda, ezin duzu «kontuz birusak» jarri farmaziaren aurreko plazan? Ez noski. Gaixoei aurrea hartzen irakasten badituge, botika gutxiago salduko dute. Normalak 2011-12-22 Ez dakit ze adinetako irakurleak ditudan, eta esango dut Mari Domingiren lagun handia naizela. Hurbiletik jarraitzen diet Olentzero eta Mari Domingiri Gernikako ikastetxeetan dabiltzanean. Mundiala da: ikusi behar zenituzkete umeak nolako maitasunez ematen dizkieten muxuak. Emozionatu egiten naiz ikaratuta negar egiten dutenekin ere. Zenbat txatxutzen garen pertsonak hazten garenean, inozentzia deitzen dioten poz natural hori galtzen dugunean. Umeek magia badagoela sinesten dute, eta nik mirestu egiten dut sinesteko gaitasun hori. Pozteko eta harritzeko gaitasuna dute eta hori zoragarria da. Hala ere, badira ume batzuk gizarteak ahaztu egin nahi dituenak: karroetan daudelako, normalak ez omen direlako (munduan diren galdera ikur guztiak jartzen dizkiot nik normalhitzari), euren kabuz bizitzeko gaitasunik ez dutelako. Eta ez dakizue ze poz izaten duten Olentzero ikusten dutenean eta etxera eramateko goxokiak banatzen dizkietenean. Gizarteak ahaztu dituenez, haiekin gogoratzen direnei dena ematen diete, eta ez naiz ni haiekin bereziki gogoratzen dena. Baina ematen dit zer pentsatua nahi duten guztia duten umeen irakasleek hainbeste eskatzeak eta baztertu ditugun umeen hezitzaileek behin eta berriz eskerrak emateak. Gu ez gara normalak. Probabilitatea 2011-12-23 Atzoko egunak zapore arraroa uzten du gehienon ahoan. Loteria tokatzea zorte kontua bada ere, beti pentsatzen dugu tokatu zaionak baino gehiago merezi dugula guk. Zortearen izenean erosten dugu loteria, eta tokatzen ez bada, «osasuna badaukagu behintzat», esaten diogu geure buruari. Bitartean, gure esperantzarekin aberasten dira asko: lan eskasa uzteko dugun esperantzarekin, nagusiak jasan behar ez izateko esperantzarekin, etxe handiagoa izateko esperantzarekin edo auto hobea izateko esperantzarekin erosten baitugu loteria. Neuk ere erosten dut, baina inbidiagatik: ingurukoak aberastuko balira, ezingo nuke jasan nik berdin jarraitzea. Badaezpada, haiek erosten dituzten zenbakiak erosi egiten ditut. Azken batean, probabilitate kontua da: zenbat eta gehiago jokatu, tokatzeko aukera gehiago. Eta matematika kontua ere bai: zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta irabazi handiagoak betikoarentzat. Esaten zidan niri Estik hala ere: «Gurelakoari ezin leixo egundo loterixek urten!». Nik barre egiten nion. «Zenbat eta gehiago jokatu, probabilidade gehiago eukiko doduz toketako». Nik baino garbiago zituen gauzak: «Gurelakoak eztie sartzen probabilidadietan. Gure numeroak sorteotik kanpora dauz!». Aurten ere arrazoia eman behar diot. Gutuna 2011-12-24 Badakizu gauza bat, Olentzero? Denek esaten dizute onak izan direla, baina ez da egia. Gaur, Euskal Herriko etxe guztietara etorriko zara, eta, besterik ez bada, ikatza utziko duzu arbolape guztietan, baina askok hori ere ez dute merezi. Ustez gaiztoak zirenek konpromiso handia hartu dute gure gatazka konpondu dadin, eta demokratek barre egin diete. Olentzero, gure lagunak eta senideak legeak agintzen duen baino 1.000 kilometro urrunago dauzkagu, eta gero eta zailagoa da astebururo haiengana iristea. Euskarazko komunikabideak ez daude ondo, eta instituzioek ez dute ezer egiten laguntzeko. Udako Euskal Unibertsitateari dirua kendu diote, eta orain, ezingo ditugu Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen ez dituen hainbat gai interesgarri euskara hutsez landu. Talde parlamentarioak ere, gogoaren arabera banatzen dituzte. Hobe duzu opariak eta ikatza gurean utzi. Aspaldian behar baino lehen ihes egiten du osasunak gure familiatik, eta utzi nire zapatetan dosi bat maite ditudanen artean banatzeko. Ikatza ondo etorriko zait neguan, bakarrik banago hankak berotzeko. Baina gure zoriona izorratu dutenei, ez ekarri ezer. Seguru nago, bere suhiak lapurtu digunarekin, erregeak ekarriko diela merezi baino gehiago urtarrilaren 6an. Aitortza 2011-12-27 Baserrian jaio nintzen. Bueno, jaio ospitalean, baina 24 ordu nituenetik baserrian bizi naiz. Baserriko lana gogorra dena badakit, baina zorionez, ez orduak eta orduak eman ditudalako lanean. Gu umeak ginenean, gure inguruko gazte gehienek baserritik alde egin zuten, eta guk alde egiteko edadea izan dugunerako, alderantzizko migrazioa jarri da modan. Jendea baserri zaharrak erosten edo etxeak egiten hasi da landa inguruetan. Aitortzen dut: trabes begiratzen diet auzokide berriei. Egiten dituzte etxeak, eta etxeen aurrean hormak. Eurek erosi duten lur zatia zehatz markatzen dute hormaz inguratuta. Amaitu ziren auzoko etxeetako ateak beti zabalik izaten genituen garaiak; orain, «hau nirea da», esaten digute harrizko hesi dotoreek. Zer esanik ez ekartzen dituzten animaliei buruz. Gu ez gara egundo arduratu etxeko txakurrek eta katuek auzokoekin borrokan egiten duten edo ez. Ez dugu egundo jakin etxeko katakumeen aita nor den, edo txakurraren zauriak txakurrez mozorrotutako zein piztiak egin dizkion. Orain jabeek amaitzen dituzte mekaguendioska txakurrek haginkadaka hasitako borrokak. Pentsatzen dut Heidiren mundu bukolikoak kalte handia egin diola gaur egun baserritarrek ematen duten irudiari, baina Heidi marrazki bizidunak baino ez ziren. Erlijioa 2011-12-28 Na'ama Margolese 8 urteko neskato israeldarra da. Zoriontsua behar luke bere adinean, baina arazoak ditu eskolara joateko: tu egiten diote etxetik eskolarako bidean. Zenbait gizon helduk erabaki dute, ez dakigu zein Jaungoiko edo erlijioren izenean, Na'ama Margolese ez dela egoki jantzita joaten eskolara, eta hori pentsatzeak umeari tu egiteko eskubidea ematen die, antza. Hau guztia judu ultraortodoxoen obsesio berria baino ez da. Izan ere, orain bururatu zaie emakumeak eta gizonak ezin garela espaloi beretan ibili: sexu segregazioa deitu diote. Margoleseren hirian seinaleak ipini dituzte espaloi bakoitzetik zakilek edo aluek ibili behar duten argitzeko. Israelgo lehen ministroak fanatismoaren kontra egin du, baina nago erru handia gobernuak berak ez ote duen. Askotan sinetsarazi nahi izan digute Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren atzean erlijioa dagoela, eta aitzakia horrekin Israelgo Gobernuak elikatu egin ditu judu ortodoxoak. Elikatzearen elikatzeaz, ortodoxoak nahikoa ez, eta ultraortodoxoak erne zaizkio. Inori botatzeko eraikitako armek min handiagoa egiten dute etxean lehertzen direnean, eta ea orain nola geldiarazten dituzten erlijioaren izenean zentzugabekeriak egiten ari diren zorook. Arrakasta 2011-12-29 Euskaldunok ez dugu arrakasta maite. Itxura batean ez zaigu gustatzen, eta gustatzen zaienek ederto disimulatzen dute. Olatuaren gainean gaudenean lotsati egiten dugu barre, eta ez zaigu gustatzen maila intelektual baxua duten telebista edo irrati programetatik deitzerik. Aparretan dagoena beste bat denean, berriz, urperatu egiten dugu. Sortzaile, artista askori buruz entzun dut jendea txarto berbetan, eta konturatzen hasita, arrakastarik handiena dutenak dira. Nazkatuta nago entzuten ez dakit nor diruzalea dela, edo ez dakit zeinek ez zuela ez dakit zein itsasgarri jarri eskatu zitzaionean, edo halako New Yorketik etorri denetik ezin dela aguantatu, edo beste batek txoroarena egin duela telebista programa batean. Gure futbolariei edo pilotariei ez diegu diruzaleak direnik esaten, eta artistarik onenaren aldean, diru asko kobratzen dute. Erabil ditzagun antzerako kriterioak esparru guztietan. Eta New Yorketik, Pekindik, Bruselatik edo Paristik arrakastaz lepo etorri denari, lotsatuta begiratu behar genioke. Zenbat jenderi onartu diogu ona dela, etxetik kanpoko kritikariek hala onartu eta gero? Euskaldunok ez dugu beste euskaldunen arrakasta maite, eta pena da: hain gutxi izanda, elkarri gehiago lagundu behar genioke. Baldea 2011-12-30 Aaldea: jatorragoak ziren hasieran. Gure herriko gaztetxean dohan jo zuten pare bat aldiz, eta herriko jaietan talde onen aurretik jotzeko aukera eman genien katxi batzuen truke. Orain, urteen poderioz, ezin da pentsatu halakorik: arrakasta burura igo zaie, eta urtean kontzertu bat ere ez dute dohan egiten. Sekulako dirutza eskatzen dute, eta guk ez daukagu, jakina. Diskoak grabatzera tokitara joaten dira, eta hori ordaindu egin behar da, badakizue. B aldea: kostata, baina lortu dugu gehien maite duguna eginez bizitzea. Zoragarria litzateke jendeak hori ulertzea, baina hortik urrun gaude. Kontzertu bakoitzarekin tratuan aritzen dira, eta soinu ekipoa jarri duenari, garagardoa ekarri duen enpresari edo txoznak alokatu dizkioten elkarteari ez diote prezioa eztabaidatzen. Lehen, herriko jaietan dohan jotzen genuen: gure ostetik jotzen zuten talde guztiek eskatutako tarifa kobratzen zuten, baina, gu hasi berriak ginenez, ez ginen ezer esatera ausartzen. Orain, ez digute deitzen. Ez dugu gure ostetik jotzen zutenek baino askoz gehiago kobratzen, baina guri ez digute deitzen oso garestiak omen garelako. Gure arrakastarekin pozten direla esaten digute, baina gure lana hau dela onartu genuenetik, merezi gabeko kritika gehiegi jasotzen dugu. Balantzea 2011-12-31 Agur, agur urte zaharra, joan zaitez lotara, sasoia dozu ta zoaz atsedendutera». Horrela kantatzen dugu gaurko egunez enbeitatarrok. Doala, bai, aurtengo urtea, eta eraman ditzala berarekin gauzarik txarrenak; onak memorian geldituko zaizkigu-eta. Memorian geldituko zaigu Gatza Zornotzara itzuli zen eguna. Gure zati izango da Troitiñok Espainiako mendeku politikari barre egiteko izandako gaitasuna, eta ez dugu hain erraz ahaztuko Jon Agirrek Basauriko kartzela utzi zuen eguna. Oroitzapenen kutxan gordeko ditugu egindako kilometroak, ukitutako kristalak, emandako muxuak, eman gabe utzitako besarkadak… «Urte barri ondo etorri» jarraitzen du kantuak, eta ez nuke nahi 2012a amaitzen denean betiko penez hitz egin gura; urteak gauza onak bakarrik ekarri dizkidala kontatu nahi nuke. Izan dadila 2012a nire seme-alabentzat aita egokia topatuko dudan urtea, izan dadila banketxera noan bakoitzean sutan aterako ez naizen urtea, izan dadila nire inguruko langabe guztiek lana aurkituko duten urtea, izan dadila gure familiak negar egiteko motiborik ez daukan urtea, izan dadila euskararen urtea, izan dadila emakumeon urtea, izan dadila sexu aukeragatik baztertu dituztenen urtea, eta, batez ere, izan dadila han urrunean ditugun lagunak sutondoan besarkatuko ditugun urtea. Misilak 2012-01-03 Aspaldi amaitu zen Gerra Hotza, edo hori ikasi genuen institutuan, behintzat. AEBek misil berriak sortu ahala, orduko SESBek hobetu egiten zituen, eta alderantziz. Orain ez omen dago mundua blokeetan banatuta, baina blokeoak badira, eta armen salmenta zerbaitegatik da hain errentagarria. Herri indartsuenek armak erabiltzen dituztela ahulagoak menderatzeko, eta mende honetan iraultzek ez dute aldatzen mundua. Orain herri indartsuenen beharrak asetzeko txikien kontra egiten diren injustizia armatuek aldatzen dituzte mapak. Iran modan dago. Ormuzeko itsasartea itxi egingo duela esan du, eta Persiako Golkoan misilak probatzen hasi da, inork bere helburuari trabarik jarriz gero ere. Izan ere, Iranen helburua trabak jartzeko modukoa da: Persiako Golkotik ateratzen den petrolio guztia ateratzen da Ormuzetik. Nork ez du nahi haren kontrola? Mundua Iranen kontra jarri da, baina ez haren inguruko herritarrek pena ematen dietelako misilen mendean. Ez dezagun geure burua engainatu: AEBek eta Europak daukaten beldurra da petrolioaren gaineko kontrola galtzea, eta, hori gerta ez dadin, prest daude Iranen misilei misil modernoagoz erantzuteko. Ez gure interesak defendatuko dituztelako, jakina; mundua gobernatzen duten indar ekonomikoek hala nahi dutelako baizik. Damu naiz 2012-01-04 Gutxi gorabehera bizitza normala izan dugunok ez gara ia ezertaz damutzen, edo hori da jendearen aurrean esaten duguna. Pentsatzen hasten banaiz, egin ez ditudan zenbait zorakeria izango dira gauez loa kendu didaten gauza bakarrak, eta uste dut nire inguruan horrela bizi dela jenderik gehiena. Pentsatzen dut desberdina izango dela zerbait desberdina egin dutenen kasua: bankua lapurtu dutenak, menpekotasun gogorretan erori direnak, erakunde armatu bateko kide izan direnak, abortatu duten emakumeak, bizitzan zerbait izateko nahi ez zuten norbaitekin ezkondu zirenak, azpiegitura handiei baietza eman dioten ingeniariak… eta ez naiz ari horiek guztiak zaku batean sartzen. Esan nahi dudana da egin dutela zerbait bizitzan, berez hala delako, edo gizarteak hala erabaki duelako, beste guztiongandik bereizten dituena. Eta, hala ere, gauza ganorarik gabea iruditzen zait damua. Azken batean, damutzen denak nahi duena da bere okerrak zuzentzea, eta eginda dauden okerrak zuzentzeko, egindakoen adina ekintza egin behar dira berriz. Hori hala bada, pentsatzen dut, damutzen direnek besteok baino urte gehiago bizi beharko dutela ustez gaizki egin dituzten gauza guztiak gero ondo egiteko, eta ez dago Jaungoikorik hainbeste urte biziaraziko dituenik. Bidea 2012-01-05 Euskal Herria inoiz ez da izan konkista handiak egin zalea. Gehiago izan dira gure lurra konkistatzen ahalegindu direnak Euskal Herriak zapaldu dituenak baino. Hala ere, gure herrian hasten diren bideek norabide bakarra dute, jendea ez baita bueltan etortzen. Gure herritik urrutira eraman zituztenek urteak daramatzate etxerako bidea aurkitu ezinda. Guk astebururo egiten dugu haienganako bidea autoz, autobusez, trenez edo hegazkinez. Errepideko marrak zenbatzen ditugu, sudokuak egin, irakurri, treneko tabernan garagardoak edan, Parisen esnatu, Cadizen loak hartu, Madrileko eskalestrian galdu, Almeriako hondartzara joan, Burgosen gelditu… eta, hala ere, luze egiten zaigu bidea. Liberen bideak 4 urte ditu, Maiterenak 28, Marijerenak eternitate bat Frantzian eta beste bat Espainian eta Pauleren bideak hiru norabide ditu. Urteak daramatzagu bidea egiten; urteak eta urteak. Kontua da harantzako bidea egin zutenentzat gero eta beharrezkoagoa dela honantzako bidea egitea. Ondarroarrek esaten zuten moduan, iparra galdu barik egin behar dugu bidea, baina ez dakit hegoaldera larregitan joan ez ote garen iparra begiak itxita aurkitzeko. Egin dezagun bidea, baina bueltakoa. Horrek bakarrik sendatuko digu egun batean eraman zizkigutenek utzitako mina. Egin dezagun 2012-01-06 Egin dezagun ariketa. Itxi begiak, eta pentsatu hiru bider bi metroko gelan zaudela. Leiho txiki bat dago gelan, baina ez duzu zerurik ikusten. Egunero 22 orduz egon behar duzu gela horretan, eta gehienetan beharrezkoa duzu argi artifiziala piztea. Gelatik kanpo egiten dituzun ordu bi eskasetan hormaz inguratutako gela handiago batera eramaten zaituzte gizon-emakume armadunek. Ez dizute uzten beste inorekin hitz egiten, eta han sartzen zaituzte, piztiak zoologikoan bezala: hamar pauso aurrera, eta horma jotzen duzu eskuaz, buelta eman eta beste hamar pauso beste aldera, horma jo, berriz beste aldera, horma eta buelta, hamar, horma, hamar, hamar, hamar… bukatu da. Gelara berriz. Hantxe dago daukazun guztia: ohea, liburuak, kartazalak, komuna, arropak… zure esparru geografikoa hiru bider bi metrora mugatuta dago. Orain egin dezagun ariketa begiak irekita. Nork izan ote zuen halako gelak eraikitzeko ideia? Zergatik ukatuko dio norbaitek beste bati zerua ikusi ahal izatea? Ez pentsatu gela horretan dagoena zergatik dagoen hor. Gela hori eraiki zuenak pertsona gaiztoak on bihurtzea helburu bazuen, bera ona zelako eraikiko zuen, baina, antza denez, hormen jabeak ez dira hain onak. Egin ariketa. Erantzunek esango dizute bidea egitea zein urgentea den. Itsosupetekoa 2012-01-07 Eskerga, itzela, ikaragarria, izugarria, egundainokoa, sekulakoa, demasekoa, upielakoa, berebizikoa, itsosupetekoa, alimalekoa, astuna, printzipala, beregainekoa, gehiegizkoa, agurgarria, ez sinestekoa, nagusia, sekulakoa, oso handia, egundokoa, berealdikoa, izigarrikoa, kristorena, terriblea. Ez halakoak bereziki gustatzen zaizkidalako; bai halakoak egitea beharrezkoa dugulako. Ia 700 preso politiko daude Espainia eta Frantzian barreiatuta, eta nik ez dakit zenbat iheslari munduko txoko ezkutuetan gordeta. Gaur Bilbon Athleticen ereserkia inoiz baino presenteago izango dut: herritik sortu zinetelako maite zaituzte herriak. Elkarrekin hasi genuen bidea, baina guk pauso bat eman genuenerako zuek hamar eman zenituzten, eta orain elkarrengandik urrunegi gaude. Joaten gara bisitan, egiten dugu topa haien alde, bidaltzen dizkiegu dirua eta liburuak, esaten diegu maite ditugula, baina haiek han daude, eta guk gaur ere garagardo batzuk edango ditugu Zazpikaleetan manifestazio ostean. Herritik sortu ziren eta herrian behar dute. Gutako bakoitzaren askatasun pertsonala haien askatasun fisikoak baldintzatuko du preso dauden artean. Ekar ditzagun etxera. Manifestazio kolosalik behar izango ez dugun etorkizuna demasa izango da, sekulakoa, upielakoa, itsosupetekoa… Ama 2012-01-08 Ama izatea mitifikatuta dagoela iruditzen zait. Obsesio baten antzera bizi ditut amari egindako kantuak, ipuinak, bertsoak… Batzutan ematen dugun amaren irudia sakrifizioarena da, eta benetan esaten dizuet, hainbesterako sakrifizioa bada ama izatea, nik ez dut ama izan nahi. Bestetan, badirudi umeak derrigor behar duela ama bizitzeko. Bizitzak ematen dituen palukadekin badakigu asko hazi eta hezi direla amarik gabe. Ama izatea eta ama bat izatea gauza ederra dira, dudarik gabe. Gogorra egiten zait ama izan nahian dabiltzan lagunen etsipena entzutea, eta oraindik gogorragoa, ama behar baino lehen galdu zutenekin gure amaz hitz egitea. Erditzea emakumeoi tokatu zaigun pribilegioa da, eta pozik nago; nahi badut, neuk ere ama izateko aukera izango dut. Amak eman zidan bularra, eta haren zilbor hesteari lotuta jaio nintzen; baina horrek ez du esan gura bizitza guztian amak aitak baino hobeto ulertuko gaituenik. Nik gauzak okertzen direnean behar dudan altzoa aitarena da. Kontsolatzen nauen presentzia isila aitarena da, eta askotan amari, maitasun handiz, zelloa jarriko nioke ezpain itxien gainean. Eta ez naiz horregatik gaizki sentitzen, eta badakit hori hala izanda ere biak maite ditudala. Ez bat bestea baino gehiago: biak berdin, biak asko. Izenak 2012-01-10 Badakit izenak ez duela izana egiten, baina izena oso garrantzitsua da. Amaren sabelari forma ematen hasi ginenerako, hasi ziren gure gurasoak gure izena zein izango zen pentsatzen, eta guk ere berdin egiten dugu edo egingo dugu sasoia datorrenean. Etxeko abereei izenak jartzen dizkiegu, eta behar dugu bizi garen lekuak izena izatea nongoak garen esan ahal izateko. Kaleen izenak ere garrantzitsuak dira. Ez da berdina Askatasuna kalean edo Konstituzio Plazan bizitzea. Leku zoragarrienari ere, glamour pitin bat kentzen dio guk maite ez dugun zerbaiten izena izateak. Eta zapatuan Autonomia kalean nengoen manifestazioa noiz etorriko, eta pentsatu nuen kale horren izena gainditu egin behar genuela independentziarako bidean, eta urrunera euskal preso politikoen senideak ikusi nituen zapiak eskuan. Argazkirik ez. Izenik ez. Eta edozelan hil dituztela ere, ETAko kideen izenak kendu egin dituzte kaleetatik. Baina gu manifestazioaren zain geunden puntuan Autonomia kalearekin gurutzatzen den kaleak Marcelino Oreja du izena. Banketxeko gutunetan, telefono fakturetan, lagunek oporretatik bidaliko postaletan… han agertuko da beti Marcelino Oreja, eta ez da iguala manifestazioari Autonomia kalean ala Marcelino Oreja kalean itxarotea. Izen batzuek min ematen dute. Okela 2012-01-11 Aspaldi amaitu zen biztanle bakoitzak jateko adina ekoizten zuen sasoia. Ekoizle gutxi dago orain, baina jatunok jarraitzen dugu asko izaten. Erraza da jateko adina produktu lortzea: supermerkatura joan eta kito. Han dago behar duguna: janaria eta komuneko papera, arropak eta gorputz biluzian emateko kremak, liburuak eta bihotzeko aldizkariak, elektratresnak, kontsumo baxuko bonbilak... ahaztuta daukagu gauzak ekoiztea zein nekeza den. Okela merkearen eta garestiagoaren artean dagoen desberdintasuna zein den pentsatzen jarri beharrik ez dugu. Gura badugu merkea erosten dugu, eta ahal badugu okela ona jaten dugu. Baina guk okela eros dezagun beste batzuek ganadua zaindu egiten dute, jaten ematen diote, eta hil egiten dute. Ganadua hiltzeko hiltegiak behar dira, eta Bizkaia hiltegirik gabe utzi nahi dute. Ikusi gura ez duguna da, Bizkaiko hiltegi bakarra ixten badute, bizkaitar guztioi kenduko digutela konfiantza osoko okela jateko eskubidea. Begetariano egin gaitezke, edo gure gaitzen errua jan dugun okelari bota (txirrindulari batek egin zuen moduan), baina geuk erabaki behar dugu zer nahi dugun: edo bertoko eta kalitatezko produktuak jaten ditugu egunero, edo zentzurik gabeko esplotazio handiei jaten ematen diegu. Ez dago besterik. Ama II 2012-01-12 Manifestazioetan ikusten nuenean, irribarre egiten nuen: Antepara etorri da, hasteko moduan gaude. Bere txikian ze indar zuen emakume hark, bere txikian ze hutsune handi biziko zuen seme txikia Donostian hil ziotenetik, bere txikian ze handia izan zen semea kartzelan izan zuen hogei urteetan erakutsitako duintasuna. Isil-isilik hil da Espainiako kartzela guztietan egona zen emakumea (hiru edo lautan izan ezik esaten zuen berak). Sekulako barreak egin nituen elkarrizketa batean «ez dakite gu bistatik nola kendu» esan zuela irakurri nuenean. Berak jakin zuen ikusi nahi ez zutenei aurrez aurre begiratzen: zapia lepoan, Josuren argazkia eskuan, Iñakiren hutsunea indar bihurtuta barruan, tente beti. Azkenean, herri honi merezi baino taupada gehiago eman ondoren, gelditu egin da Blankaren bihotza. Urbinako plaza ez da lehengoa izango. Lehen semeak utzitako hutsuneari amarena gehitu zaio, eta pentsatu nahi dut nonbait elkartuko zirela ama-semeak, eta ez dutela sekula gehiago elkar bistatik galduko. Lander Garrori irakurri nion atzo Euskal Herriko emakumerik ederrena joan dela. Bai; galanta izan da Blanka. Erralde 2012-01-13 Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak euren buruari bakarrik kasu egiten jarraitzen badute, litekeena da Erralde zabalik dagoen azken eguna bihar izatea. Lehen sektorea deitzen dioten horrentzat galera handia izango da, baina gehienek ez dute ikusi nahi. Kontzentrazioan izan nintzen baserritarrekin. «Ganadu gutxi daukanak garraioan gastatu beharko duenarekin kendu egingo ditu behiak, eta gero eta abeltzain gutxiago izango gara», esan zuen batek. Beste batek erantzun ona eman zion, «hori horrela duk, baina gero zartaginera botatzen denean guztiek ikusiko ditek desberdintasuna! Supermerkatuko okela erdira jaisten duk!». Badakite baserritarrek zertaz ari diren kalitateaz ari direnean: «Nik ez daukat ganadu askorik, baina dendako edozein okela erosi baino gurago dut etxean hil lehenago hiltzen genuen moduan: borrarekin jo buruan eta izozkailura!». «Orduan, ferreteruek irabaziko dute!», esan zion beste batek eta denok egin genuen barre. Baina baserritarrek badakite okela ona saltzeko bakarrik ez, jateko ere okela eskasa baino hobea dela. Kontua da, besteok, hirietan bizi direnak edo gurasoen ortutik majo gizendu garenok, okela meatzeetan egiten dela edo pentsatzen dugula; ze ez digu batere ardura nekazaritza osoa pikutara joateak. Burgesia 2012-01-14 Norbaiti entzun nion atzo irratian Euskal Herriko burgesia berria Amaiurren sartzen ari dela. Pozik egongo dira burgesok; ez baita polita noraezean ibiltzea botoa nori eman ez dakizula, konponbiderik inork eskaintzen ez dizula, konponbideak eskaintzen dituztenak ilegalak direla… Pentsatzen dut ni ere burgesagoa naizela langilea baino gehiago. Bizimodu eroso samarra daukat, eta eskuak ez zaizkit sekula laztu gure gurasoei bezala. Hala ere, berdin dit burgesia berria nora doan. Hori ez da gure arazoa, eta horrek ez liguke lorik kendu behar. Larriago daude burges zaharrak. Inork esango al dit nora joango diren Euskal Herriko burges zaharrak (eta ez zahartutako burgesak) benetan egin dutenaz jabetzen direnean? Nora joango dira AHT inposatu digutenak konturatzen direnean Bilbotik Gasteizera 20 minutuan iristeko ez duela merezi izan durangalde guztia jatea? Nora joango dira burges zaharrak konturatzen direnean euskararen alde egin duten bakarra adierazpen instituzionalak izan direla? Nora joango dira konturatzen direnean BEC Europako azpiegitura garestiena izan dela, eta oraindik diru publikoarekin akzioak eta akzioak erosten ari garela ordaindu ahal izateko? Aukera zaharren ondorioek arduratu behar gintuzkete, eta ez aukera berriek oraindik egin ez dutenak. Txillardegi 2012-01-15 Euskara, independentzia, amnistia, presoak, ETA, herria… zer ziren ulertzen hasi ginenean, galdera askoren erantzunak hasten ziren bere izenarekin. ETAren sortzaileetako bat, ETAri izena jarri zion gizona eta ia-ia hil arte gure herriko politikan ekarpenak egin dituen gizona joan dira pertsona bakarraren heriotzarekin. Gehiago oraindik: akademiak onartu ez arren, euskaltzain bat joan zaigu. Hiru aldiz baztertu zuen Euskaltzaindiak soziolinguistikaren oinarriak ezarri zituen gizona, euskal eleberri modernoaren sortzailea. Euskaltzainak euskara zaintzen duena esan nahi badu, behintzat, euskaltzain osoa izan da Txillardegi. Inork baino hobeto zaindu du euskara: hitz eginez, irakurriz, idatziz, biziz eta maitatuz. Berari zor diogu Euskal Herrian Euskaraz bizirik egotea ere, eta haren sortzaile izan bazen, euskaraz bizi den Euskal Herria nahi izan zuelako izango zen. Pena ematen dit justu orain hiltzeak: bere ametsa egia bihurtzeko pauso historikoak eman direnean. Nik pentsatzen nuen Euskal Herria burujabea eta euskalduna denean Txillardegi edo Jokin Gorostidi edo etxabetarrak han egongo zirela, baina ez da hala izango. Gaur inoiz baino argiago ikusten dut Euskal Herri burujabe eta euskaldunaren beharra: bidea hasi zutenei zor diegu bidearen amaieraraino iristea. Iribarne 2012-01-17 Ezin dut burutik kendu aitita Balentin eta Patxi ze pozik egongo liratekeen bizirik baleude. Ze poz hartuko luketen ikurrina legeztatu aurretik euskaldunak bere gorpuaren gainetik pasatuko ginela esan zuen gizona hil dela jakitean. Francoren diktadura garaian Turismo eta Informazio ministro izandakoa hil da, eta pena ematen dit, hainbeste zapaldu zuen belaunaldiko askok eta askok egun hau ikusteko aukerarik ez izateak. Amorruz ikusi zuten, ostera, nola Manuel Fraga Iribarne demokrata bihurtu zen, eta nola Galiziako Xuntako presidente izendatu zuten. Telebistaren aurrean negar egin zutenak ezagutzen ditut. Espainian ez dago desberdintasunik diktaduratik demokraziara. Egia da demokrazian hauteskundeak egon direla, baina hautetsiak izan diren asko diktadura garaian ministro izandakoak edo haien ondorengoak dira. Hala ere, haize berria badator, eta, zorionez, atmosfera kutsatu zaharra joaten ari da. Agur, Manuel Fraga Iribarne; ohorerik bat ere ez. Pentsatu dut ez zitzaiola gustatuko artikuluaren izenburua bere bigarren abizena izatea, lotsatu egiten baitzen euskalduna zelako. Baina izorratu egin nahi nuke. Jurramendin edo martxoaren hiru batez Gasteizen hildakoak justizia eske ari dira hilobietatik, eta hiltzaileak ez du bakean atseden hartzerik merezi. Domeka 2012-01-18 Batzuentzat astelehenaren aurreko egun depresibo hori izaten da domeka, eta besteontzat guk nahi badugu zoragarria izan dadila lor dezakegun egun bat gehiago. Batzuk Jaungoikoarekin zita izaten dute, eta mezetara joaten dira. Beste batzuk, berriro jaisteko igotzeari zentzua aurkitzen diotenak, mendira joaten dira; eta besteok herriko plazan itxaroten diegu elkarrekin bazkaltzeko edo txikiteorako. Futbola gustatzen zaienentzat ere, polita da igandea: partidak ikusi, futbol zelaira joan, garagardo batzuk hartu lagunekin zenbait talderengatik kristorenak esanez… Zinemara joateko ere egun aproposa da igandea: zapatuko parrandatxoa galdu gabe, arratsaldea goxo-goxo igarotzeko aukera ematen du. Familia elkartzeko ere egun aproposa da igandea, gehienok ez dugu bestelako planik izaten: baten urtebetetzea ospatzeko txokolatea, talo jana, aspaldian izozkailuan gordetako txahalaren txuletak, edo kroketak… Domeketan siesta egitea ere ez dago gaizki ikusita. Zurrunga egitea aste barruan baino libreagoa da: bezperan edo igande eguerdian edaten dugunarekin, ia guztiok egiten dugu. Ulertzen ez dudana da, igandeetan egin daitezkeen gauza guztiekin, nola enkapritxatu zaion Bilboko alkateari igandeetan erosketak egitera joatea. Izorratzeko gogoa behar da! Dominak 2012-01-19 Ez dugu aukeratzen noiz jaio, eta hala aukeratu dugula sinisteak ez du batere aldatuko esango dudana. Noiz jaio aukeratu egin badugu ere, ez gara aukera hori egiteko arrazoiez gogoratzen. Beraz, alferrik. Nioen ez dugula aukeratzen noiz jaio: 1979an, 1990ean, 1946an… ahalik eta ondoen bizi dugu tokatu zaigun garaia, eta datozenei joan zirenek utzi zigutena baino mundu hobea uzteak arduratu behar gintuzke. Horren ordez, ordea, batzuek garai bat idealizatzeko joera dute: gure garaian, gu gazteak ginenean… Horrek ez du ezertarako balio, baina balioa ez da gehien izorratzen nauena. Nire onetik ateratzen nauena da lehengoa idealizatuz oraingoa kakaren pare uztea. Lehengo gazteek dena hain ondo egiten zutenez, oraingoek ez dute nahita ere asmatuko. Nazkatuta nago Francoren poliziaren aurrean korrika egin zenutela, ez dakit zenbat mila pankarta egin zenituztela edo gu jaio orduko klandestinitatea ezagutu zenutela entzuteaz. Itzelak izango ziren Burgosko epaiketa edo Lemoiz, baina jaio gabe geunden. Zuek ere gerran jaio gabe egon zineten moduan. Beraz, nahi baduzue elkarrekin egingo dugu bidea, eta bestela, beheko suaren ondoan eseri beharko duzue gerrako dominak elkarri erakusten. Guk tokatu zaigun garaiari eutsi nahi diogu. Ume hilak 2012-01-20 Ni ez naiz inoiz haurdun egon, baina pentsatze hutsak oilo ipurdia jartzen dit. Ilusio guztiak bizitza berri batean jarri ondoren bizitza berri hori hilik jaio dela konturatzea beldurgarria izango dela pentsatzen dut. Ez nuke halako trantzetik igaro beharrik izan nahi. Ba al dago hori baino ezer okerragorik? Bada, bai: bizirik jaio den umearen amari esatea umea hilik jaio dela eta ume hori beste batzuei ematea. Munduan egin daitekeen gauzarik miserableenetako da, ez baitzait beste hitzik bururatzen, gorria edo pobrea delako norbaiti umea kentzea eta beste bati ematea aberatsa edo agintzen duenaren ideologia berekoa delako. Filmetan ikusi ditugu halakoak, Argentinan aspaldi hasi ziren diktadura garaian ostutako umeen bila, eta orain hemen espabilatu gara. Hilkutxak ireki, eta zorotzat hartu ziren emakume haiek, isildu zituzten emakume haiek arrazoia zeukatela ikusi dugu hilkutxa hutsetara begiratu dugunean. Ez dira kasu partikularrak. Sare oso batek parte hartu zuen umeen lapurretan, eta helburu argiekin egin ziren halakoak. Ume hilak bizirik egotea notizia ona da, dudarik gabe. Nork epaituko ditu, baina, ume haiek gurasoen eskuetatik kendu zituztenak? Nori eskatuko diote barkamena oraindik ere bizi diren zenbait medikuk? Eta Elizak? Kritikoak 2012-01-21 Batzuk beti dira beste guztiok baino kritikoagoak, eta kritikoak besteok baino azkarragoak izaten dira gehienetan: kapaz izaten dira beste guztiok ikusi ez ditugun gauzak ikusteko. Zoritxarrekoak gu, ardirik beltzenak izanda ere, artaldean bizitzea erabaki dugulako. Zorionekoak kritikoak: egundo artaldean sartzen ez diren ardiak dira, ardi zurietan zurienak izan arren. Arretaz irakurtzen ditut euren burua kritikotzat duten zenbaitek politikaz esaten dituztenak. Harrigarria iruditzen zait lehen politika egiteko modu bat oldarkorregia-edo zelako kritikatzen zutenek, orain, politika bigunegiak kritikatzea. Nik ez dakit dena, eta nire sinpletasunean onartu egiten ditut zenbait erabaki; ez guztiak, jakina. Hala ere, kritikak egin behar ditudanean, edo zerbaitekin ados ez nagoela adierazi nahi dudanean, arazorik gabe esaten dut pentsatzen dudana. Zorionez, badaukat nire ekarpenak non egin eta nire zalantza guztiak non adierazi. Ez daukat egunkarietan edo irratian edo tabernan inork baino ozenago hitz egin beharrik, guztiek jakin dezaten, botoa eman diodan alderdiarekin ez natorrela guztiz bat. Ez daukat horren beharrik, eta harrigarria iruditzen zait zenbaitek altabozen beharra dutela ikusteak: ezer berririk ez esateko, beti kontra daudela argi uzteko… Dioguna 2012-01-22 Gauetan etxera noanean niri ere gustatzen zait, mandoa eskuan hartuta, zapping egitea: gustatzen ez zaidana kendu, eta gustatzen zaidana ikusi. Euskaraz kate gutxi daude, eta gaztelaniaz dozena bitik gora, beraz, ez da kalkulu matematiko handirik egin behar telebista batez ere gaztelaniaz ikusten dugula jakiteko. Gainera, niri gustatu egiten zait Espainiako telebista. Bai, litekeena da gaixorik egotea, baina egia da. Txutxu-mutxuak amaitzen zaizkienean kolaboratzaileei buruz kristorenak esaten dituzten programa horiek izugarri gustatzen zaizkit. Lotsa ere ematen dit aitortzeak, baina ez zait telebista aurrean gehiegi pentsatzea gustatzen, eta Goenkalen tragedia handiegiak dituzte. Egia esango dut: niri Salvame, Vuelveme Loca, Enemigos Intimos, La Noria, Corazon… eta antzerako programak gustatu egiten zaizkit. Ulertuko nuke hau izatea irakurtzen didazuen azken zutabea, baina begiratu zuen ingurura ni gurutziltzatu baino lehen. Ratioek diotena egia bada, Hego Euskal Herrian halako programak asko ikusten dira. Politikoki zuzenak izateko, badakigu zer esan; baina diogunetik egiten dugunera alde handiegia dago. Egia aitortzeak ez nau besteak baino hobe egiten, baina nire patologiak zeintzuk diren badakit behintzat; inoiz sendatzea bururatuko balitzait ere. Min 2012-01-24 Umeak ginenean, eskailera mekanikoak zituen leku bakarra zen Bilbo guztian, eta, Metroak protagonismo handia kendu badio ere, hiriburuko lekurik mitikoenetakoa da Corte Ingelesa. Opari bat erosteko gogoak eroan nau gaur haraino, eta, pronostiko guztien kontra, ez dut niretzat ezer erosi. Eta kontatzera noana oparia erosi aurretik gertatu balitzait, hura ere ez nukeen erosiko. Galtzerdiak saltzen dituzten korridoretik oinez noala, saltzaile mehe batek galdetu dit ea zerbait behar nuen. Ezetz esan diot. Orduan, irribarre zabal-zabalarekin esan dit, ba omen dago produktu berri bat niri ziur interesatuko zaidana. Ziur hitza erabili du, eta faja bati buruzko eskuorria eman dit: zure figura murrizten du, zure kurbak nabarmenduko ditu mitxelinak disimulatuz, izarren pare sentituko zara. Eta nork esan dio nik ezer disimulatzeko interesa dudanik? Zergatik pentsatzen dugu potoloak beti daudela pozik eta ezerk ez dituela mintzen? Gustura erantzungo nion: «Badaukat nik ere zuri interesatuko zaizun zerbait: katilu bete txokolate bero txurroekin, eta goizero komunera lasai joateko pilula batzuk». Baina minduegi nengoen erreakzionatzeko. Eguna izorratu dit. Badirudi potola gaudelako ez dugula eskubiderik dotore egon nahi dugunean arnasa lasai hartzeko ere. Borobila 2012-01-25 Bat-batean konturatu naiz ez zaidala niri bakarrik gertatu. Nire mina paperean jarri dudanerako, jendeak Facebookera igo du nire testua, eta kontatu dudanarekin identifikatuta sentitzen dira nire lagun eta ezagun asko. Bat-batean konturatu naiz jarrera sozial bat esplikatu dudala anekdota soil bat kontatu beharrean. Eta, bat-batean, pultsua azkartu zait, neure buruarekin haserretzeraino: hainbeste bagara mindu gaituztenak, fajak edo dena delakoak erostera kondenatu gaituztenak, zergatik ez dugu ezer egiten? Esaten dugu gauden moduan ere erakargarriak eta ederrak garela, baina gehienok dirutza gastatu dugu dietetan. 34 neurriko bakeroak bai baina 46koak saltzen ez dituzten dendei boikota egin beharrean, amets egiten dugu halako leku batean noizbait gure neurriko zerbait aurkitzearekin. Geure burua autozentsuratzen dugu modan dauden zenbait prenda ez direlako gure neurrirako asmatuak. Itxurari garrantzi izugarria ematen zaio, baina ni ohartu naiz neuri ez zaidala nire itxura batere gustatzen. Maite ditudan lagunei, maitaleei, senideei exijitzen ez dizkiegun bertuteak ez izatearren, gutxietsi egiten dut neure burua. Gizarte honek ez dit borobila izaten uzten, eta taula itxura hartzen saiatzen naiz behin eta berriz, baina alferrik da: mundua bera ere borobila da. Karratua 2012-01-26 Lau alde berdin dituen irudi geometrikoa da karratua. Lau alde berdin, eta lau angelu zuzen. Marra bat eskuinera, beste bat behera, ezkerrera, gora eta itxi. Borobila ikusten dugunean, gurpilarekin gogoratzen gara; edozein momentutan hara edo hona erraz mugi daitekeen gurpilaz. Karratua, berriz, albo baterantz bultza egingo bagenio ere, hanka baten gainean geldituko litzateke, eta, ondoren, berriro ere sendo zapalduko luke lurra. Eta pena ematen dit gero eta jende karratu gehiago ikusteak. Hanka bakarraren gainean eusten diote ustez zuzena denari: betiko bikotekideari, hipotekari, gustatzen ez zaien lanari, familiari… Noiz edo noiz arnasa hartzeko astia datorrenean berriro ere lurra zapaldu, eta, gero, berriro eutsi; beheraka jaustea ez baita komeni. Umetan, bizikletaren frenuak askatzen genituen aldapa behera gindoazenean, haizea aurpegian sentitzearren bakarrik. Ez genuen beti hanka bien gainean lur hartzen, baina ariketa errepikatu egiten genuen behin eta berriz, sentsazioa itzela zelako. Orain ere gurpil haiek bezain borobilak izan behar genuke: bizitza aldapa behera jartzen bada, segitu; aldapa gora jartzen bada, indar egin bideari jarraitzeko, eta leun badago, lasai egon. Zertarako eutsi? Mundua forma zoragarriz beteta dago. Printzesak 2012-01-27 Edurne Zuriren berri izan nuen lehen egunetik galdetu diot ispiluari Muxikako neskarik politena nor den: sekula ez dit nire izena esan. Kuleroak lehen aldiz galdu nituenean, pentsatu nuen Errauskineri zapatarekin nola, niri ere agertuko zitzaidala printzea etxean kuleroak eskuan zituela. Honezkero, susmatzen dut topatu duela nire kuleroetan neu baino hobeto kabitzen den baten bat. Nerabea nintzen Pretty Womanikusi nuenean, eta mila aldiz amets egin dut gure baserriko balkoipean limusina zuria dagoela nire zain. Eta egundo ez naiz ni baino diru gehiago duen inorekin oheratu. Aitzitik, gehienetan, taxia, afaria, garagardoak, gosaria, ostatua… ordaintzea tokatu zait. Aurkitu nuen lehenengo printzea kokaina uzteko zentro batean ikusi nuen azken aldiz. Bigarrena zoragarria zen, eta asko maite ninduen; baina ezkonduta zegoen. Laugarrenaren atzetik hilabeteak eman nituen, eta, azkenean, proposamen erromantikoa egin zidan: «Onin, egingo dugu larrutan?». Ikusiak ikusita, ez nintzen eskandalizatu, baina oraindik ere deitzeko itxaroten nago. Hortik aurrerakoak ez kontatuta hobe, bestela baten batek pena hartuko dit. Beraz, nire alabei inork, inoiz, ipuin txoro horietako bat kontatzen badie, belarrondoko bi emango dizkiot. Ze kalte egin diguten, jolin! Zaintza 2012-01-28 Begoñek esan dit zaintza partekatuaren kontra egotea gizonen kontrako misoginia dela. Orduan, minutu batez isildu egin naiz. Badirudi formula magiko bat dagoela dibortzioak konpontzeko, eta Begoñek bere arrazoiak orokortzen ditu. Nik almazena husten dut arrazoien bila, eta bilatzen ditudanean, orokortu egiten ditut neuk ezagutzen ditudan kasuak. Ez nago zaintza partekatuaren kontra, baina horren oinarrian gustatzen ez zaidan ideia bat dago: dibortzio legea emakumeen alde eginda dago. Eta ez dut esango hori hala ez denik, baina hori egiaren erdia baino ez da. Dibortzio legea ez du Jaungoikoak egin, gizonak idatzi du noizbait. Ez naiz erratu, gizona esan nahi nuen. Nork idatziak dira, bada, lege asko eta asko? Zaila egiten zait pentsatzea gizonek, batez ere orain dela urte batzuk, emakume guztientzat ona den zerbait idatziko zutela euren kaltetan. Dibortzioaren legeak egiten duena da urteetan sinetsarazi digutenari bide eman: umeek amarekin egon behar dute. Formula horrek gauza askotan mesede egin dio gizonari, eta emakumeari ezertan lagundu badio, dibortzioan bakarrik izan da. Eta galdetzen diot Begoñeri: baina benetan abantaila al da umeak gurekin gelditzea? Ez ote da misoginia emakume guztiok kustodia konpartituaren kontra gaudela pentsatzea? Borroka 2012-01-29 Lagun batek esan dit borroka pertsonala hasi duela EuskoTreneko txartel ikuskatzaileen kontra, eta sekulako grazia egin dit. Egunero hartzen du Bilboko Tranbia, eta berak ere ez daki zenbat aldiz etorri zaizkion ikuskatzaileak bidaia txartel eske. Hasieran ez zen konturatu, antza, baina ez dakit zenbagarrenean, ikuskatzaileari 'zer?' batekin erantzuten hasi zen. Orain arte, batek bakarrik aurkitu du 'zer?' horrentzat erantzun zuzena: 'txartela, mesedez'. Beste guztiek gaizki erantzun diote, gaztelania garbian: ez dizut ulertzen, ez dakit euskararik, emadazu txartela behingoan… nik barre egin diot borroka pertsonalaren kontu horri, baina gauez majo kosta zait lo egitea. Lanera autobusez joaten naizenetan, lo edo irakurtzen gehienetan, ikuskatzaileei zer esaten duten entzun ere egin gabe ematen diet txartela, euskaraz egin diezadaten eskatu gabe. Badakit oso gutxitan eskatu didatela euskaraz, eta garraio publikoko langileak dira, eta jendearekin harreman zuzena dute, eta euskara ulertu behintzat egin behar lukete. Argi dago borroka pertsonal gehiagori ekin behar diegula garraio publikoetako ikuskatzaile guztiak 'txartela, mesedez' esateko gai izan daitezen. Horretarako, baina, 'el billete, por favor' normaltzat hartzeari utzi beharko diogu. Radarra 2012-01-31 Euskal Herriko sexologorik irribarretsuenak esplikatu zidan radar bi ditugula gure barruan. Bata, gauza txarrak jasotzen dituena, beti omen daukagu piztuta; eta bestea, guri buruzko gauza onak jaso behar dituena, itzalita izaten ei dugu. Ez zuen jakin azaltzen geu garen itzaltzen dugunak edo derrigortu egiten gaituzten itzaltzera, baina esperientziak irakatsi dio ez dugula piztuta izaten. Astebetean ibili nintzen ordura arte itzalita izandako radarrak jasotzen zuena koadernoan apuntatzen, eta ohartu nintzen beti piztuta izateak asko arinduko lidakeela neure buruari ezartzen diodan zama. Hurrengo pausoa zailagoa izan zen: radarra barrura begira jarri, eta neure buruari onartu nizkion hainbat gauza on. Koadernoan ez nituen apuntatu; lotsagatik. Aspaldian ez dut radarrari entzuteko astirik izan, eta aste honetan aktibatu egin didate Durangoko Udal Euskaltegiko ikasleek, hizkuntza eskolako ikasleekin bertso eskola osatu duen irakasleak, Facebookean esanak egunkarian berretsi dituen kazetariak, igande goizean kafea egin zidan lagunak eta astiro-astiro azala zeharkatzen ari zaidan norbaitek. Ordua dut radarra betirako piztuta uzteko; bestela, itzaltzen dudanean galtzen dudanak eragindako mina beti da piztuta dagoenean hartzen dudan poza baino handiagoa. Erantzunak 2012-02-01 Bertso Egunean kanpora atera zen zigarro bat erretzera, eta han gazte batzuekin berbetan egon ei zen. Ea Onintza Enbeitaren zenbatgarren printzea den galdetu ziotela esan zidan, nahiz eta guzti-guztia ez diodan sinesten. Barre egin nuen, «biluzteak hauxe dakar», pentsatuz. Bere ahora ekarri zuen gazteen galdera, eta zenbaki batekin erantzun nion. Galdera bera egin nion, eta zenbaki berarekin erantzun zidan. Badakit gezurra esan zidala, eta brometan genbiltzala, baina behin gezurra esatekotan, eskertuko nuen rankingean aurrerago jarri izan banindu. Nire pentsamenduaren erridikuluak, nerabekeriak, behinola entzun nuen txiste bat ekarri zidan gogora: mutil batek neska bati esan omen zion Eva deituko ziola aurrerantzean, bere ohean izan zen lehen emakumea bera izan zelako. Neskak, orduan, halako deklarazio baten aurrean derrigor erantzuteko beharrak eraginda, aitortu zion mutilari Peugeot deituko ziola aurrerantzean. Arrazoia zenbakian dago: 205. Ohitura txatxu samarra daukagu erantzunak aurretiaz jakinda ere galderak egiteko, baina errua ez dauka minik ez egiteko gezurra esaten duenak; are gutxiago, minik handiena eginda ere, egia esaten duenak. Errua, erantzuna gustatuko ez zaiola jakinda ere, galdera egiten duenak dauka. Doilorrak 2012-02-02 Badakit ETA aitzakia erraza izan dela Euskal Herriaren izatea ukatzen duzuenontzat: independentziaren alde gauden guztiok ETA ginela sinetsarazi zenioten iritzi publikoari, eta guztiak balio izan du Euskal Herriaren kontra egiteko. Hala ere, pentsatzen nuen ez zinetela hain urrutira iritsiko. Gauza bat da ETAri zenbait erabaki politikoren errua botatzea; eta beste bat, aurpegian lehertu zaizkizuen injustiziak argitzeko dokumentazioa ETAren bonba batek desagerrarazi zuela esatea. Nola esan dezake, kargudun politikari ustez serio batek, 70eko hamarkadan ETAren atentatu batean desagertu zela haur lapurtuen kasuak argitzeko dokumentazioa? Eta 80ko hamarkadan lapurtutako umeez zer diozue, non desagertu da dokumentazioa? Herentzian hartu duzuen Espainia bakar eta libre horrek lapurtu zituen umeak elizaren laguntzaz, eta berrogei urtean bizi izan genuen izuaren ostean hutsetik hasteko gai ere ez zarete izan. Orduko bandera, militarrak, politikariak… ekarri dituzue gaur egunera arte, egindakoaz harro. Ez duzue hilarririk jaso nahi izan, eta orain hilkutxetatik datorren ustel usainak urduri jarri zaituzte. Ez duzue Gernika bonbardatu zenutenik ere onartu, eta nor zarete zuek, herri xeheari eragindako mina beste inori egozteko? Elurra 2012-02-03 Ohetik jaiki naizenean zurituta zegoen dena. Baserritarrak pozik egongo dira: elurrak, urtzen denean, ortuetako izaki eta landare txarrak eramaten ditu bere bidean. Gauez bota du elurra, baina ez dit ametsik eragotzi; isilik erori da, mara-mara. Ingurua zuri-zuri dago. Goizean ikusi ditudan malutak haizeak astindu ditu hara eta hona, eta beti bezala, airean galduko zirela zirudienean, lurrera erori dira bertan itsasteko. Maluta bat, bi, hiru, lau… bakarra urtu egingo litzaiguke eskuetan, baina asko biltzen baditugu, edonori min egiteko moduko pilota egin daiteke. Asko gustatzen zait elurra: nola erortzen den, ze diskretua den, nola estaltzen duen dena… baina konturatzen naizenerako jendea dabil elur gainean oinez. Bigarren aldiz begiratu dudanerako urratsak daude elurretan, pilotak egiteko hartu dutenez zuloak daude, lokaztuta daude bazterrak. Maite dut elurra bezalako jendea: bere bidea isilik egiten duena, pilota izan behar denean pilota izaten dakiena, baina urtzeko beldurrik ez daukana. Pena da, gehienok elurra zapaltzen dugun espeziekoak izatea: nabarmentzea gustatzen zaigu, gure urratsak ikus daitezen nahi dugu, pilota izan behar badugu berdin digu indarra nondik biltzen dugun… gehiegitan lokazten ditugu zuri behar luketen bazterrak. Munduan 2012-02-04 Euskaldunek munduan ez dugu parerik, hortakotz ez ginuke guk behar nausirik». Halako zerbait dio kanta zahar batek. Geuk geure buruari buruz idazten ditugunak irakurrita, badirudi sinetsi egiten dugula kantuak dioena: Mirandes kopan ondo dabil eta han jokatzen duten euskaldunei buruz idazten dugu, hemen baino hobeto inon ez dela jaten pentsatzen dugu, sinetsi egiten dugu oraindik euskaldun guztiak direla berbakoak, gure parajearen ederra besteak baino politagoa dela diogu… Dena den, leku guztietan daude pertsona onak eta txarrak, gauza ederrak eta ez hain ederrak: txakurrak ortozik. Baina guk uste dugu benetan ez dugula parerik: senak esaten digu baietz, meritu handia dugula mendeetan iraun dugun moduan irauteko. Ez, ez gara makalak; baina gure egoa folklore bihurtzen dugunean pentsatzen dut arriskutsua izango litzatekeela euskal selekzio ofiziala izatea. Han joango gara, egunen batean, hegazkin bete jende ikurrinak eskuan hartuta, Gora Euskadi txapela buruan jantzita ez dakit noraino. Espainiarren, frantziarren… moduan bajatuko gara hegazkinetik: gu baino hoberik munduan ez balego bezala, beste guztiak gu baino eskasagoak balira bezala. Eta ez nuke nahi gure herria mendeetan zapaldu duten herrien kopia huts izan dadin. Meritua 2012-02-05 Ortuellakoak eta euskaldunak? Zuena bai dela meritua. Zergatik harritzen gaitu hainbeste ortuellarrek edo tafallarrek euskaraz jakiteak? Hori baino esperpentikoagoa da herri euskaldunetan bizi diren euskaldun zaharrek gaztelaniazko zenbait egunkari erostea eskela gehiago dituztelako euskarazkoek baino. Ez da Ortuella euskaraz bizitzeko herririk errazena izango, baina muxikarrek, bilbotarrek, tolosarrek, hendaiarrek edo gasteiztarrek ere ahalegina egin behar dugu euskaraz bizitzeko. Nire auzotik atera gabe biziko banintz, ez nuke arazorik izango: goizero jasotzen dut BERRIA etxean, Euskadi Irratia entzuten dut eta auzokideek euskaraz dakite. Baina nire auzoa txikia da, eta Karrantzatik Maulerako bidean, herri eta hiri asko daude, zorionez. Meritua ez da erdalduntzat ditugun herrietako jendeak euskara ikastea; meritua da euskaldun zaharron komentarioak jasatea. Euskara ikasi eta berrogei urtera ere, euskaldun berri deitzen diegu. Ez zaizkigu euren herriak interesatzen: zer dago, bada, Barakaldon guk ikusteko modukorik? Eta pentsatzen dugu haiek gure herrietara etorri eta flipatu egin behar dutela gure kulturarekin, euskararekin, bizimoduarekin… aber, gure alboko herrietan bizi dira, e? Ez dira euskara ikasi duten japoniarrak, euskal herritarrak dira, geure modu-moduan. Sasoia 2012-02-07 Neguan elurra egitea gauza normala da, baina hemen berri garrantzitsutzat hartzen da. Informatiboetako kazetariak Opakuatik eta Urkiolatik egiten dituzte zuzenekoak errepideak nola dauden jakin dezagun. Han ikusten ditugu mikrofonoak eskutan, uzkurtuta, berba bakoitzean ahotik gandua dariola. Abuztua balitz, ulertuko nuke, baina otsailean elurra egitea gauza arrunta da. Neguan negukoak behar du. Ez dakit, ordea, arazoa larriagoa eta sakonagoa ez ote den. Antzina naturaren zikloen parte ginen, eta urte sasoi bakoitzak bere errituala, bizimodua, janaria… zituen. Orain, edozein sasoitan jan nahi ditugu gereziak, eta negu gorrian eguzkia nahi badugu, nahikoa da hegazkina hartzea. Umetan pikuak jaten genituen udazkenean, tomateak udan, sagarrak ekainetik aurrera, neguan gaztainak… naturaren zikloa ez da aldatu, eta neguan elurra egiten jarraitzen du; ez baitago beste modurik udan eguzkia ateratzeko. Geu gara lehengo moduan bizi ez garenak. Txarrerako aldatu gara. Tomateak nahi ditugu udan, eta neguan, eta udazkenean, horretarako Argentina edo Txileko baserritarren ekoizpena hipotekatu behar badugu ere. Zentzua berreskuratu behar dugu sasoia joan baino lehen; lurrak ez dizkigu kapritxo hauek guztiak barkatuko. Bateraezina 2012-02-08 Egunero esaten ditut garrantzi handirik ez duten gauza asko. Txiste txarrak egiten ditut lagun artean nagoenean, eta sekulako barre algarak egiten ditut neure buruari ateratzen dizkiodan akatsekin. Bizitza oso ariketa serioa delako egiten dut barre, ahal badut, egunero. Badaukat iritzi politiko bat, badaukat bizitza ulertzeko modu bat, badaukat maitasunari buruzko uste bat, asko irakurri dut ustez garrantzitsuak diren zenbait gauzaz, baina ez dut mundu guztiari hori esplikatzen ibiltzeko beharrik. Maite nautenek badakite nola pentsatzen dudan eta zeren arabera ekiten dudan. Ez daukat beste inori ezer erakutsi beharrik, baina jendearen aurreiritziek nire onetik ateratzen naute. Parrandazalea bazara eta irribarretsu bazabiltza, badirudi ezinezkoa dela gauza potoloen gaineko iritzi bat izan dezazun. Aldizkari arrosak irakurtzen badituzu, ez zara gai liburu normalak ulertzeko. Vietnameko gudari buruzko dokumentala eman zutenean beste zerbait ikusten egon zinenez, jendeak pentsatzen du zuk ez dakizula Vietnam non dagoen ere. Zoritxarrekoak dakiten guztia etengabe erakutsi beharra sentitzen dutenak. Zorionekoak bizitza, jakituria eta umorea bateragarriak direla ulertu dutenak; hori ikasi dutenek gehiago dakite. Naturala 2012-02-09 Bertsolaritzako irakaslea nintzela, bariku arratsaldeetan, gora-goraka hasten zirenean, «ia, umeak, zagoze natural», esaten nien ikasleei. Behin Lekeitioko mutil batek galdetu zidan ea zer zen natural egotea, eta ez nuen erantzuten jakin. Ez da erraza esplikatzen. Izan ere, bakoitzaren sineskeren edo heziketaren arabera, oso gauza desberdina da naturaltasuna. Esate baterako, guri umetan abadea etortzen zitzaigun eskolara erlijio klaseak ematera eta munduko gauzarik naturalena balitz legez esan zigun mundua Jaungoikoak sortu zuela. Harentzat historian ez da ezer naturalagorik gertatu gizakiaren sorrera baino: Jaungoikoak sortu zuen gizona eta haren saihetsetik emakumea. Ez zuen dudan jartzen Jesukristo uraren gainetik oinez ibili zenik, eta sinesmen osoz esan zigun Loten emaztea gatzezko estatua bihurtu zela Sodomatik ihesean zihoala atzera begiratu zuelako. Era berean, abade hori parte den elizak uste du sexu bereko pertsona biren arteko sexu harremanak ez direla naturalak. Gero eta gehiago hitz egiten dute komunikabideetan elizgizonek, eta gehienentzat, umeak egiteko ez den sexu harremana naturaren kontra doa. Hori bai, Ama Birjina sekula larrutan egin gabe erditu zela sinestea eta sinetsarazi nahi izatea munduko gauzarik naturalena da. Inhabilitazioa 2012-02-10 Beste batzuek asmatu bazuten ere, berak egin zuen ezagun guztia ETA da leloa. Euskal Herrira etortzen zen bakoitzean 20-30 etxetako ateak botatzen zituen Poliziak. Bolada batean ematen zuen euskaldun gehiago zirela haren bulegotik pasatutakoak pasatu ez zirenak baino. Guztia libre izan zuen. Egun batean, baina, ez dakit nik zergatik oso ondo, hain maite zutenen kontrako kasuak ikertzeari ekin zion. Eta hor, elizarekin topo egin zuen, gaztelania garbian esaten den moduan. Garzonen izen ona ez da hain ona izan harrezkero. Lehen, Espainia guztiak maite zuen, baina, orain, gehien maite zutenek kendu dute paretik. Ez zituen inoiz Euskal Herriaz harantzagoko hautsak harrotu behar: hemen balio duenak Espainian ez du balio, konpañero. Orain, sentimendu kontrajarriak ditut. Ez, ez erratu. Ez dit Baltasar Garzonek penarik ematen. Kontua da une batez pentsatu dudala hobe izango lukeela Espainiako justiziak —hala deitzerik baldin badago behintzat— orain dela hogei urte inhabilitatu balu. Hala ere, pentsatzen jarraitu dut, eta eskuak burura eraman ditut. Irudipena dut, Garzon epaile kutuna bistatik kentzeko ausardia izan badute, haren lekua betetzen ari den beste epaile kutun bat izango dutelako izango dela. Eta badakizue, litekeena da okerrena oraindik ikusi gabe egotea. Murriztu 2012-02-11 Umetan irakatsi ziguten artoa mieztu egin behar dela. Ez dakit aditz hori esateko beste modurik etxean ikasi nuena baino, baina murrizteak balio dezake sinonimo gisa. Izan ere, hauxe da mieztea gutxi gorabehera: artoa ereiten denean, behar baino ale gehiago jartzen dira zuloan, baten batek indarrik hartuko ez balu ere, eta gero multzoka ernetzen da. Multzo guztiak batera ezin duenez behar den moduan gorantz egin, landare batzuk kendu egiten dira. Ez dakit baserritarrek onartuko luketen azalpen sinple hau, baina horretan utziko dugu. Murrizketei buruz politikariek kontatu diguten ipuina ere antzekoa da: ezin diogu gastu guztiari aurre egin aurrekontuetan daukagun diruarekin; beraz, lehentasunak ipini behar dira. Gertatzen dena da, baserritarrek sendoen dagoen landarea lehenesten duten moduan, politikariek ere euren interesik sendoenak lehenesten dituztela. Azkenean, belarra jorratzen dute, eta artoa sasira bota: gizarteak benetan dituen beharretara bideratutako partidetan murrizketak egiten dituzte, baina behar garbirik gabeko azpiegitura erraldoiak finantzatzeko badago dirua. Krisia egon badago, eta ez dut nik ukatuko murrizketak beharrezkoak direla, baina ez gaitzatela engaina: eurek gura dutenerako majo aurkitzen dute dirua ez dagoen lekuan ere. Zapaldua 2012-02-12 Zapaltzen gaituen zera handi horren presentzia handiegia da euskaldunontzat: nortasun agirian daramagu, gure hizkuntza ulertu nahi ez duen funtzionario bakoitzarengan dago, animatzen ditugun futbol taldeek nazio arrotzetako ligetan jokatzearen erruduna da… Hori nahikoa ez, eta askotan, bizitzak berak areagotu egiten digu zama hori. Espainiako faxisten altxamenduan parte hartu zutenak eta berrogei urtez gure bide bazterrak hildakoz bete zituztenak ohean etzanda itxaron zioten heriotzari, lasai; adinduta. Espainiako demokraziak, demokrazia izan balitz, epaitu eta espetxeratu beharreko guardia zibilei domina eman die. Herriaren dirua ostu duten politikariak enpresa handien zuzendaritzetan kolokatu dituzte, eta guk, lubakian gordeta, hori guztia ikusi dugu gure begiokin. Euskal preso politikoek aspaldi behar zuten Euskal Herrian, kalean, etxean, baina ez daude. Eta orain pankartaren atzeko pauso isiletan bide lagun izandako Juan Mari joan egin zaigu; honezkero etxean behar lukeen semeari azken besarkada eman gabe. Orain ere zapaltzaileak egin du zati handi bat, aita eta semea behar baino gehiago urrunduz fisikoki, eta bizitzak egoera errematatu du. Nahi duzuena esango duzue, baina ez da justua; bizitza ez da batere justua zapalduokin. San Balendin 2012-02-14 Gaurkolako egun batez maitasunezko postalen lehiaketa bat irabazi nuen behin. Etxetik urrun nengoen, lagunik gabe, eta komunitatean integratzeko modu bat izan zen parte hartzea. Ez nuen kontzientzia arazorik izan saria hartzeko. Behar bada etxekoek ez nindutelako ikusten, nor eta ni, San Balendinen txatxukeria elikatzen; edo behar bada saria goxoa zelako: kaja bete gominola. Sariarekin batera hartu nuen bizitzan jaso dudan maitasunezko postal bakarra ere. Idatzi zuenaren arabera, gauza on asko nituen, eta batez ere harrituta zeukan nire barreak. Oso gauza gorgeous omen zen Onintza barreka. Irakasleari galdetu nion hitz horrek zer esan nahi zuen, eta, nik uste nuenaren kontra, zerbait zoragarria zen. Kosta zitzaidan hankekin lurra ukitzea tarte batez, baina halako batean postalaren egileak forma hartu zuen, izen-abizenak… eta kontuak enkantua galdu zuen. Etxetik kilometro askotara nengoen, lagunik gabe, eta komunitatean integratzeko modu bat izango zen baietz esatea, baina ez zitzaidan atera, ez nuen nahi. Postala hartu, etxera itzuli, sofan eseri, eta gominolak jan nituen telebistaren aurrean. Ez dut harrezkero maitasunezko postalik ez idatzi ez jaso, baina zenbat aldiz eseri naizen telebistaren aurrean gominolak jaten! Zerbitzua 2012-02-15 Agurtzaneren tabernara sartzea zoragarria da; batez ere, barran bera dagoenean. Zimur bakoitzean muxu bat gordeko balu bezala begiratzen dit, eta barraren atzetik irten eta besarkadak ematen dizkit berezi sentiarazteraino. Ze guapa zatozen gaur ere, esaten dit. Neguan pertsiana gutxi altxatzen diren herri batean dago Agurtzaneren taberna, itsasoaren ondoan. Afaltzera geldituko zarete? Agurtzane, zenbat da gurea? Nik zuenera noanean ez dut ordaintzen eta hauxe da nire etxea, eta zuek nire lagunak zarete. Hala da: taberna egin aurretik zen haren etxea Txoberne, eta guk haren lagunak izateko zortea daukagu. Erretiroa hartzeko adina badauka, nahiz eta ez duen ematen; baina ez du erretiratu nahi. Kostako herri batzuetan asteburuetan eta udan bakarrik zabaltzen dituzte tabernak, baina Agurtzanek egunero eskaintzen die zerbitzua lanetik deskantsua hartu nahi dutenei, uda pasatzera kostaldera joaten direnei, gaur mozkortzeko gogoa dutenei, atzoko ajea pasatu nahi dutenei, lagunei, maite dugunoi. Gutxi garenean ere, atea zabaltzen digu. Taberna ulertzeko beste modu bat dauka Agurtzanek: ez du diruagatik bakarrik egiten. Eskerrak! Txoberneko bezerook, bi aldiz bizita ere ez genuke dirurik izango haren zerbitzu atsegina eta bezeroenganako arreta ordaintzeko. Gazteluak 2012-02-16 Denok eraiki dugu noizbait gazteluren bat airean: lurrik gabe, porlanik gabe, zutaberik gabe. Guztioi erori zaigu noizbait gazteluren bat, eta ez umetan bakarrik. Ezagutzen dugu norbait eta gustatu egiten zaigu; asko, izugarria. Motxila beteta daukagu, mina hartzeak beldurra ematen digu, ezetzik ez dugu jaso nahi, eta, gainera, lotsatu egiten garenez gauzak zuzenean esaten, indirektak botatzen dizkiogu. Ez zaigu burutik pasatu ere egiten zer sentitzen duen galdetzerik, badaezpada. Haren aurrean ahulegi ez agertzearren, ez dugu esaten geuk zer sentitzen dugun, baina intuizioak hala dioelako-edo, ziur gaude guk bota dizkiogun indirekta guztiak ulertu dituela. Orduan pentsatzen dugu berak esaten duen guztiak ere bigarren zentzua duela, eta, polita mundu guztiari deitzen dion arren, guri desberdin esaten digula, eta Facebooken jartzen dituen kanta guztietan identifikatuta sentitzen gara, eta aurrez aurre dugunean urtu egiten gara, eta esango genioke heldu gogor berton erori behar dut-eta, baina ume batek baino azkarrago eta zentzu gutxiagorekin berba egiten dugu, eta azkenean nik esango eta zuk esango konturatzen gara ez dagoela ezer; edo egon dena hoztu egin dela. Airean eraikitako gazteluak ez erortzeko modu bakarra sentitzen duguna egitea da. Mozorroa 2012-02-17 Beti gustatu izan zaizkit asko inauteriak, baina arrazoia ez dakit. Umetan esaten ziguten inauteriak aproposak zirela urte guztian izan nahi genuen hori izateko. Azalpen polita da ezer ulertzen ez duen umearentzat, baina ez dakit nik hori den mozorroak estaltzen duena. Ez dut uste mozorrotu naizen gauza guztiak izatea gustatuko litzaidakeenik: ijitoa, margolaria, Jorge Javier Vazquez, lamina, erromatarra, Los Cinco Bilbainoseko kidea, eskalea, on line nago iragarkiko gizona, Albako dukesa, pailazoa… mozorro horiek janzteak bestela egingo ez nukeen zerbait egin dezadan ahalbidetuko zuten noizbait, baina ez dute erakusten izan nahiko nukeena. Batzuetan, negarrari eusteko indar izugarria egiten dut, pentsatzen dudalako negar egitea ahuldadea dela, eta jendearen aurrean gogor azaldu behar dela irakatsi zidaten. Eta gogor-gogorra izan nahi nuke, baina ez naiz. Eta zenbat aldiz egin ote dut barre benetan min egin didaten gauzen aurrean! Barrearen moduko maskararik ez dago: lotsa, beldurrak eta mina estaltzen ditu askotan. Denborarekin ikasi dut inauteriak gozatzeko egunak direla; udaberria laster datorrelako pozteko egunak. Benetako mozorroak, izan nahi genukeena estaltzen dutenak, egunero-egunero janzten ditugu. Momentuak 2012-02-18 Irentsi behar nuen harrotasuna, barkatu behar nion, ridikuloa izanda ere esan behar nion lehenengo gauetik maite dudala. Momentua pasatu eta gero damutzea alferrik da. Bai, badakit errazagoa dela teoria praktika baino. Miretsi egiten ditut ateratzen zaiena momentuan bertan egiten dutenak. Esate baterako, lehengo batean Bilboko erreka hegaletik burumakur nindoala emakume bat hurreratu zitzaidan. Egun txarra neukan, eta pentsatu nuen, «hauxe behar dot orain, kaleren baten bila galduta dabilen baten bat». Bada, ez. Barkamena eskatu zidan, eskutik helduta, ez zidala denbora asko kenduko esan zidan, egunero irakurtzen ninduela eta asko gustatzen zitzaiola idazten nuena. Pentsarazi egiten diodala ulertu nion, begiak zabal-zabal, harrituta. Eguna alaitu zidan; goizean izandako eztabaida guztiak ahaztu nituen, eta handik aurrerako pasiera burua jasota egin nuen. Hamar minutu lehenago asko gustatzen zaidan musikari bat ikusi nuen Bulevard kafetegiaren parean. Irrikaz nago aspalditik zerbait esateko, baina ez nion ezer esan. Momentuan eutsi egin nion inpultsoari astuna ez izatearren, zorotzat ez hartzearren. Baina, agian, nik ere eguna alaituko nion. Orain ez dut jakingo. Momentu bi haiek pasatu ziren bezala pasatu ziren, eta kito. Harresiak 2012-02-19 Erresumaren geografia mugatzen zuten harresiek lehen, eta txaleta egiteko erosi dugun terrenoa noraino heltzen den erakusten dute orain. Komentuek eta monasterioek harresiak izaten dituzte, eta guretzat apaingarri hutsa dira, baina barruan bizi direnentzat ezinbesteko egiturak dira kanpoko tentazioei lepoa emanda bizi ahal izateko. Harresiak ez dira hutsean eraikitzen, zerbaiten inguruan altxatzen dira beti, eta horrek, kanpotik begiratzen dugunean barrua ikusi ezinak, erakargarri egiten ditu. Zer gertatuko ote da Alcazarrean? Zer gertatuko ote da palazioko alkobetan? Eta pertsonok, geuregandik ateratzen ditugunez munduan egin ditugun obra eder guztiak, geure buruari ere eraikitzen dizkiogu harresiak. Badago horma handiaren atzean ezkutatuta bizi den jendea, eta haren begiek ez dakit nolako mezu misteriotsuren bat dutelakoan, urteak ematen ditugu horma apurtu nahian. Pentsatzen dugu horma horren hoztasunak bihotz on bat babesten duela, eta bilatu egin nahi izaten dugu. Baina nik bihotza azalean daukat, eta inorenaren bila hormak botatzen hasten naizenean, neurea apurtzen dut. Harresien atzean ezkutatu nahi duenak horretarako eskubide osoa du, baina neuk ere ikasi dut kanpotik begira gelditzen; sartu gabe. Harresiek beti ez baitituzte gauza ederrak gordetzen. Egunkaria 2012-02-21 Paper zuri bat hartu eta egin pilota bat. Gero papera alferrik galtzen ari zaretela kargutzen zaretenean, saiatu berriz ere paper zuria leuntzen. Ezingo duzue, jakina. Plantxatuta ere, paper horrek bistan izango du noizbait pilota bat egin zenutela berarekin. Minaren arrastoa hantxe izango du beti. Halako zerbait gertatu zitzaigun Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean. Hasieratik dakigu BERRIA sortzen erabili genuen indarra lehenagotik hamar urtean egin genuena indartzeko behar genuela. Hasieratik dakigu zuzendaritzako zenbait kide torturatu egin zituztela euskaldun gisa logikaz eta justiziaz geneukan ametsetako bat gauzatzearren: hau da, goizetik gauera euskaraz bizi nahi izatearren. Hasieratik dakigu honen aurretik egon zela beste bat itxi egin zutena, eta orain ere, gauzak ez baditugu haiek nahi duten bezala egiten, daukagun euskarazko egunkari bakarra itxi egin dezaketela. Hasieratik espero genuen Euskaldunon Egunkaria frogarik gabe ixteak ez ziela ondoriorik ekarriko, baina barkamenik ere ez dute eskatu. Amorrua ematen dit epaileari arrazoia eman gabe baina arrazoirik ez duela esatera ausartu gabe ibili zirenak euskarazko berripaperarekin egin zuten pilota leundu nahian ikusteak orain. Alferrik da; mina eginda dago. Amodioa 2012-02-22 Gaztelaniaren hurbiltasunak ekarriko zion euskarari gauza onik, baina euskaldunon harremanetan eragin eskasa izan dute erdarakadek. Euskaldunok berbakoak izateko fama daukagu, baina sexu kontuetan estereotipo latzak eraiki dizkigute: kosta egiten zaigu sentimenduak azaltzea, Euskal Herrian ez da ligatzen… ez dut esango hori hala ez denik, baina gaztelaniak badauka errua horretan. Ez dakit historiako zein momentutan, eta nork erabakita, baina egun batean, gaztelaniaren eragin garbiz, larrutan egiteari sinonimo poetikoa asmatu genion: amodioa egin. Baditut lagunak halakorekin eta bestelakorekin amodioa egin dutela kontatzen didatenak, baina nik nahiago dut halako beharlekurik ez hartu. Izan ere, amodioa gaizki edo ondo, eginda dago. Aspaldiko kontua da. Asko jota, harremanak ondo ateratzen direnean edo pasioak denboran irauten duenean, amodioa berrasmatu egingo dut izara artean lantzean behin, baina gainontzean oso sinplea naiz. Nahiko konplikatua da berez aurrean biluzik duguna ulertzea, mugimenduak sinkronizatzea, gustatzen zaiguna zer den esplikatzea, bera gu bezain gustura sentiaraztea eta gaurkoa amaitu eta gero biok zer nahi dugun definitzea, gainetik amodioa ere egin behar izateko. Barkatuko didazue, baina larrua jotzea askoz errazagoa da. Jaio 2012-02-23 Inauteri gaua zen, gaurkolako egun batez. Ez dakit zelan gertatu zen, ez dakit aurreko minutuetan zer gertatu zen, baina badakit esnatu nintzenean errekan nengoela txikitutako kotxearen barruan. Anbulantziako gizonak esan zidan pozik egoteko, mirari bi egin nituela: hartutako kolpearekin bizirik irtetea, eta errekatik neu bakarrik ateratzea sastraka artetik gora. Negar eta barre egiten nuen anbulantzian ospitalerako bidean: negar ikarak eraginda edo, eta barre bizirik nengoelako. Bizitzak bigarren aukera bat eman zidan, berriz jaio nintzen. Baina lehenengo jaiotzan ez bezala, bigarrenean oso kontziente nintzen heriotzaren gertutasunaz eta gaurko egunez urtero egiten dut hausnarketa bera: aukeratu zure lehentasunak ondo, maja, segundo bat nahikoa da guztia amaitzeko. Arazoa da otsailaren hogeita hirua urtean behin bakarrik izaten dela, eta gainerako egunetan, ez beti baina batzuetan bai, jan egiten ditut lehentasunak urgenteak diren gauzak egin ahal izateko. Ez dakit zenbat aldiz jaio beharko dudan eguneroko zurrunbiloari ihes egiten ikasteko, baina nire inguruan jende asko dabil neure antzean. Eta ez, askoren gaitza ez da kontsolamendurako arrazoia: askoren gaitza epidemia da. Kasu honetan arriskutsua gainera. Hil 2012-02-24 Askotan ikusi dut neure burua zurrunbilotik irten ezinda: egiteko mila gauzarekin, aldi berean leku batean baino gehiagotan egon guran, zertan ari naizen kalkulatu ezinik, lehentasunak zehazteko larri... halakoetan, amak beti esaten dit ezetz esaten ikasi egin behar dudala, derrigorra hiltzea baino ez dela, eta egingo dituela gauzak beste norbaitek. Eta barruan badakit halaxe dela: derrigorra hiltzea baino ez da, eta, seguruenetik, egongo dira garrantzitsutzat hartzen ditugun inportantziarik gabeko gauzak. Areago, badira gauzak nik baino hobeto egiten dituztenak. Baina teoria horren aurrean, oker ari garela esaten zigun gure herriko gizon batek. Haren arabera, derrigorra ez da hiltzea, derrigorra hil arte bizitzea da. Jakina, hil arte bizirik egotea eta hil arte bizitzea ez dira derrigor sinonimoak. Eta bizitzeak horixe dauka: batzuetan, ez beti, zurrunbiloak harrapatzen gaituela. Nekatzea, nazkatzea, maitatzea, negar egitea, barrez lehertzea, min egitea eta hartzea, poztea, tristatzea, estresatzea, lasaitzea… guztiak dira bizi garen seinale, eta zurrunbiloa kontrolatzen ez dakidan arren, beharrezkoa dut bizitzea. Aukera bat egin behar dut, eta nahiago dut tarteka zurrunbiloari irensten utzi birizik egotearekin konformatzea baino. Hil arte gutxienez, bizi egin nahi dut. Lehentasunak 2012-02-25 Ez omen dago dirurik. Gizarte laguntzak murriztu egin dituzte, baina AHTa ordaintzeko dirutza ederra bideratuko dute aurten ere. Ez hori bakarrik, AHTaren trenbideak txikitu dituen herriei diru laguntzak emango dizkie Espainiako Gobernuak: isilik egon daitezen edo. Ez dut sinesten dirurik ez dagoenik. Krisia gora eta krisia behera, guretzat beharrezkoak diren gauzak uzten dituzte egin gabe; noski, haientzat beste gauza batzuk dira beharrezkoak. Ez dago dirurik Euskal Herriko txirrindulari itzulia eta Donostiako klasikoa finantzatzeko, baina badakigu Espainiako Itzuliko etaparen bat Euskal Herrian amaitzeak ilusioa egiten diela. Euskaldunon lehentasuna ez da Espainiako Itzulia; guk badugu geurea. Guk finantzatu nahi dugun itzulia hemen hasi eta amaitzen dena da, baina geure gobernu triprobintzialean ere ez dugu agintzen. Euskaldunontzat inoiz ez dago dirurik. Apustu egingo nuke espainiarrei mila aldiz bururatu zaiela Vueltako etaparen bat Donostian amaitzea: Kontxa atzean dagoela TVE1eko erreportariek sekulako kronikak egingo lituzkete zuzenean. Euskaldunon lehentasuna ez da Espainiako Itzulia, baina antza denez, espainiarren lehentasuna gu izorratzea da, eta guk ez dugunez agintzen, izorratzea baino ez zaigu geratzen. Isiltasuna 2012-02-26 Goizean jaikitzen garenetik berriro oheratzen garenera arte, zarataz inguratuta bizi gara: autoak, berbaroa, kaleko lanak, trena, musika… Eta ez bakarrik hirian, herrian ere badira zaratak: txorien txioak, errekaren hotsa, behiak, haizea, ardiak… Bake gutxi izaten dugu egunak irauten duen denboran. Egun guztian izaten ditugu belarriak soinuz beteta, eta, hala ere, etxeko bakardadean kanpoko atea itxi arte ez gara konturatzen. Halako batean, lasaitu egiten gara, ez dakigu garbi zer den, baina zeruan gaudela iruditzen zaigu: noski, etxean gaude eta ez dago zaratarik. Harrigarria dirudi, baina zaraten munduan gure belarriak harritzen dituena isiltasuna da. Bat-batean ezer ez entzuteak erne jartzen gaitu, eta gustatu egiten zait sentsazio hori. Lekutik ateratzen naute isiltasunean lasai dagoenari bakea lapurtzen diotenek «zer pentsatzen ari zara?» galdetuz; auzo lotsa ematen didate herrian dauden hitzaldi, batzar edo dena delako guztietan ezer garrantzitsurik ez esateko beti berba egiten dutenek; eztabaidak irabazteko denek baino ozenago berba egiten dutenak ez zaizkit gustatzen; urduri jartzen nau igogailuetan derrigor zerbait esan beharrak. Isiltasuna benetan da gauza ederra, eta neugandik hasita, saiatu behar genuke, merezi duen zerbait esateko bakarrik apurtzen. Frikiak 2012-02-28 Ni frikia? Beste batzuek sudokuak egiten dituzte, Onin, eta nik hau!», esaten dit beti lagun batek. Arrazoia du: bakoitzak daki non dagoen bere gogoko aldapa. Niri egunero joaten zait orduren bat sare sozialetan. Azkar eta urrutira komunikatzeko aukera ematen didate, eta, jende asko dagoenez Facebooken edo Twitterren dena kontatzen duena, gauza asko jakiten ditut aulkitik jaiki gabe. Edozein lekutan ikusten dut jendea sakelakoa atera eta egiten ari dena idazten. «Zelako frikiak diren», esaten didate sudokuak egiten orduak ematen dituzten lagun batzuek. Nire pozerako, ordea, euskal twittero frikiek maite naute eta ezin izan diot kontua zabaltzeko tentazioari eutsi. Orain bizio doblea daukat sare sozialetan: frikitzen ari naiz. Askok esan didate sare sozialak uzteko, kontrolerako eta kuxkuxeatzeko baino ez direla. Zenbait gunetan gaizki ikusita dago frikismo hau, antza. Harritzen nau: ni askoz ere gehiago biluzten naiz hemen, sare sozialetan baino, eta inork ez dit horregatik friki deitzen. Jendeak gutxiesten dituen lekuetan ari direnei deitzen die frikiak, baina nik maite ditut frikiak. Nahiago ditut, munduko gauzarik arraroenari lotuta bada ere, pasioren bat duten lagunak, edozein gauzaren aurrean sorbaldak jasotzen dituztenak baino. Harriak 2012-02-29 Egin aproba. Esan norbaiti, lurrean ahoz behera zaudela, errekako harriak jartzeko bizkarrean, ipurdian, izterretan eta hanketan. Egon apur batean, eta gero esan harriak ipini dizkizunari kentzeko: ea gai zareten guztiak noiz kendu dizkizuen igartzeko. Nik, zutitu nintzenean, oraindik, harriak neuzkan bizkarrean. Lurrera erortzean atera zuten zaratagatik ez balitz, ez nuen sinetsiko. Eta lurrean zeuden harriei begira urrun joan zitzaidan gogoa. Behin eta berriro esan zidaten neska politak beste batzuk zirela, eta sinetsi egin nuen. Irakatsi zidaten zaindu behar zela familia, lagunak, gizonak, zaharrak, eta azkenean neure burua zaintzeaz ahaztu naiz. Lehenengo aldiz «honeek enbrak» entzun nuenean mindu egin nintzen, bigarrenean haserretu, bosgarrenetik aurrera herri guztiarekin haserretu nintzen, baina azkenean, entzunaren poderioz, berba bat baino ez da niretzat. Argi esan zidaten noiz dagoen ondo hankak zabaltzea eta noiz ez, noiz maitatu behar nuen, noiz hitz egin, noiz dantzara irten, noiz utzi karrera profesionala eta zenbat urte baino lehen izan ama. Motxila harriz bete zidaten, eta eskerrak lantzean behin nire barruak oihu egiten didan. Harriek nire barruan eztanda egiten dutenean ateratzen duten zaratagatik ez balitz, ez nuke igarriko aldean daramatzadanik. Azalpenak 2012-03-01 Inork ez zigun galdetu jaio gura genuen, eta geuk aukeratu gabe jaio ginen batzuk eme eta besteak ar. Ez ziguten aurretiaz esan zein izen jarriko ziguten, eta ez ziguten galdetu ea belarritakoak jartzerik nahi genuen edo ez; ezta zein eskolatan matrikulatzea nahi genuen ere. Ez digute sekula galdetu gure zergekin monarkia mantendu nahi dugun, eskoletan irakasten den erlijio bakarra kristaua izateari ondo deritzogun edo herri guztietan polizia izatea beharrezko ikusten dugun. Ez digute egundo iritzirik eskatu ejerzitoa guztion diruarekin mantentzeari buruz, eta bankuan dauzkagun lau txakur txikiak guri ezer esan gabe mugitzen dituzte batera eta bestera. Ez digute ezer galdetu etorkinen legea idatzi aurretik: maite ditugun, gure etxean nahi ditugun, ondo ikusten dugun ematen zaien tratua, benetan pentsatzen dugun gure lana kentzera etorri direla… inork ez digu inoiz ezer galdetzen, eta guri zuzenean eragiten diguten mila erabaki hartzen dira. Hori bai, guk ezer egin behar dugunean dena dira galderak, eta milagarren azalpenean ere, oraindik, administrazioko eskailera berean jarraitzen dugu. Hara, aspalditik egiten diet amaren galderei intsumisioa, baina heldu da ordua beste guztiei ere egiteko. Azalpenak nahi dituenak bere ekintzak arrazoitu ditzala lehenengo. Hiru milioi 2012-03-02 Demokrazia hiru milioi. Hala zuen izena hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko Ezker Abertzaleak asmatu zuen enegarren izenak. Estatistiken arabera, euskal herritarrok ez gara hiru milioi baino gehiago; beraz, guztiontzako demokrazia eskatzen zuen hautes elkarte horrek. Hala ere, badira, agi denez, Ezker Abertzalea baino demokratagoak diren erakundeak, instituzioak eta gobernuak. Are gehiago; oro har, euskaldunok baino askoz ere jende zibilizatuagoa bizi da gure inguruan, eta demokraziak zein elkarbizitzaren arau logikoek hala diotenez, askatasuna eta D3Mko kide izatearren hainbat lagun atxilotu zituzten. Apirilean hasiko da haien kontrako epaiketa, eta atzo prentsaren aurrean agertu ziren berriro ere. Fiskalak urte askotako zigorrak eskatzen ditu haientzat guztientzat, baina demokrazia aho betean darabilten hiru milioi euskal herritar horiei ez die askorik ardura. Kosta egin zitzaidan auzipetuei buruzko notizia orrialde digitaletan aurkitzea. Ez dut kazetarien lana kritikatu nahi; izango ziren berri inportanteagoak. Athletic eta Manchesterren arteko partidarako sarrerak erosteko ilara luzea egon zela, esate baterako. Hori da, antza, hiru milioi euskal herritarrak gehien arduratzen dituena. Grabaketa 2012-03-03 San Frantzisko elizatik hurbil dago jenderik gehien. Jendea badago, haien bila. Bidali hona jende gehiago eliza ostea ere zaintzeko. Orduan, interesatzen zaizuna atzetik harrapatzea da? Bai. Elizan gaude, zer egingo dugu, sartu? Bidali indar gehiago, ez badator errefortzurik armak erabili beharko ditugu. Hustu eliza! Ezin dugu eliza hustu, beteta dago. Iritsi zaizue eliza husteko agindua? Bai, J-3ak dauka, eta husten hasita daude. Pena izan da neu bertan ez egotea. Komunikatu nahian nabil, baina inork ez du erantzuten, elizan egongo dira lehoien moduan borrokan. Hiru mila tiro baino gehiago bota ditugu. Pentsa nola dagoen kalea. Eskerrik asko, zerbitzu ona. Esan Salinasi historiako egurrik handiena banatu dugula, hemen sarraskia gertatu da. Ados, ados. Benetako sarraskia. Itzulpena librea da (Eusko Jaurlaritzaren modari jarraituz), baina grabatuta dago 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatu zena. Berdin dio. Gau hartan lasaien lo egin zuena zaharraren zaharraz hil da Galizian duela gutxi; ohean, nola ez. Ez du barkamenik egundo eskatu, ez du biktimarik egundo onartu. Ez onartzearren egindako krimenak ere ez ditu onartu. Baina berdin dio: Gasteizen hil zituzten bostak langileak baino ez ziren, eta Manuel Fraga demokrata handia izan da. Ni naiz 2012-03-04 Oso ondo ikasi dugu gure bizitzaren zentroa geuk izan behar dugula, eta geure burua maitatzen ikasi behar dugula besteek maita gaitzaten. Eta ondo dago nor garen jakitea eta gure barrura begiratzea; baina teoriatik praktikara salto egin dugunean besteez ahaztu gara. Badakit beti besteei begira dagoenak ez duela ezer onik egingo bizimoduan, baina irudipena dut gu garen hori baino gehiago landu dugula eman nahi dugun itxura hori. Ez dago ondo eskatzen dizkiguten azalpen guztiei «ni horrelakoa naiz» sinple batekin erantzutea. Askotan izan dut gogoa hori esaten didanari muturreko eder bat emateko, eta bisigu begien aurrean lasai esango nioke: «Zuk horrelakoa zarelakoa izorratu nauzu, ezta? Bada, ni horrelakoa naiz, ez dakit gauzak bestela konpontzen». Garena izan behar dugu, ez gehiago ez gutxiago, baina komunitatean bizi gara, eta irla desertu batean geu bakarrik bizi ez garen artean, jakin behar dugu komunitate horretako kide guztien askatasuna zaintzen geurearekin batera. Total, amorrua ematen didatela horrelakoak direlako berekoikeriaz jokatzen direnek, nahi dutena esaten dutenek, gauzak lortzeko erabili egiten nautenek edo bordeak direnek. Eskubide osoa daukat, gainera, amorrua eman diezadaten: ni ez naiz horrelakoa. Erreferenteak 2012-03-06 Bizkaiko bertsolarien txapelketa bateko finalean boxeolariaren azalean jarri ninduten. Gaia zaila egin zitzaidan ez dakidalako nik boxeoari buruz ia ezer. Lagun batekin txapelketaren balorazio pertsonal-emozionala egiten ari nintzela, gaiaren zailtasuna azaldu nion, baina bera ez zegoen ados: haren ustez, gaia zaila egin zitzaidan boxeolariaren lekuan ez nuelako neure burua ikusten, mutil bat baizik. Nik, ezetz: «Zu boxeolaria zara», esan zidala gai-jartzaileak eta nik Onintza ikusten nuela boxeoko eskularruak jantzita. Berak berea: han egon zen jende gehienak, nik barne, mutila ikusten genuela. Oraindik oraintsu, bertso afari batean futbolari buruzko gaia jarri ziguten. Ordura arte ez, eta, orduan, mutil bihurtu ninduten momentu batez. Norbaitek oharra pasatu zion gai-jartzaileari eta, «barkatu, semea ez, alaba», esan zuen. Plazaz plaza egin dudan denboran, halako mila batu ditut, eta, kontatzen hasten naizenean, jendeak esaten dit adibide txikiak direla, ez dutela ezer esaten, banaka batzuen joera dela. Ez. Ez dugu neska boxeolaririk ezagutzen, eta oraindik ere kosta egiten zaigu futbola nesken gauza ere badela onartzea. Halako adibideek erakusten didate oraindik leku asko daukagula irabazteko, eta irabazi ditugun lekuetan ez digutela erreferente izaten uzten. Lekua 2012-03-07 Zenbat bider pasatu ote zait burutik bertsolaritza ez dela nire lekua! Nerabeak ginenean bertsotan ausardiaz egin genezan «paparra atara eta altu kantau», esaten ziguten, eta nik, «kaka!», pentsatzen nuen, «orain guztiek begiratuko didate nahi ez dudan lekura!». Telefonoz deitu, eta bertsotarako neska bat behar duela esan didan bakoitzak derrigortu egin nau kolektibo baten parte izatera: emakume bertsolariak. Hitzetik Hortzerako pantailan nire bularrek atentzioa ematen dutela entzun nuen behin; atera kontuak! Lehenengo paparra ateratzeko, eta gero, ezkutatzea ezinezkoa denean, haziegia omen! Entzunak entzun, bertsotan nagoela guztiak ondo egon behar duela sartu zitzaidan buruan: ez dezala inork esan arropei buruz ezer, bularrari buruz ezer, ileari buruz ezer… izan dezatela arreta bertsotan bakarrik. Eta orduan, etiketak aldatu egin ziren: erosiko zenuen zuk zerbait berria finalerako, nik uste nuen gaur fashionago etorriko zinela… zenbat aldiz pentsatu dudan euskaldun jatorrak buru-estuak direla eta zenbat aldiz haserretu naizen munduarekin. Baina ikasten ari naiz. Banabil neu izateko zirrikituak aurkitzen, eta kolektibotik ihes egin gabe gizabanakoari bide ematen, eta honela gustua ematen du! Gaur eta beti 2012-03-08 Ez da egia agintean gaudenean emakumeok gizonak baino okerragoak garela. Ez da egia gizonezkoek larrutan egiteko guk baino desio gehiago daukazuela, eta larrutan norekin eta noiz egin nahi dugun erabakitzen dugulako ez gara izter-estuak. Egia da gure ziklo hormonalaren arabera umore aldaketak izaten ditugula, baina horregatik ez gara ez desorekatuak ez histerikoak. Gezurra da gizon guztiak zaretela arrazionalak eta emakume guztiok garela pasionalak. Eta pasionalak izateak ez du esan nahi gure asmo bakarra kortejatu gaituen lehenengo mozoloarekin ezkontzea denik. Ez da egia ez zaizkigula pelikula pornoak gustatzen, eta ez dugula kanpairik jotzen. Amatasun sena ez da jaiotzatik daukagun marka bat, eta guk ez dakigu gizonek baino hobeto etxeko ekonomia kudeatzen; ezta haiek ere guk baino hobeto ekonomia orokorra kudeatzen. Esparruak konpartituz gero, guztiok izango ginateke gehiagorako gai. Ez da egia dibortzio legea guri laguntzeko asmatu zenutela: umeak amarekin hobeto daudela sinetsarazi zeniguten, eta orain guztiok gaude behar ez genukeen lege bati lotuta. Eme jaio nintzen, eta urteekin emakume egin naiz. Hala ere, ez ditut guri buruz asmatu dituzuen topiko guztiak irentsiko. Hori baino askoz ere gehiago naiz. Kolektiboa 2012-03-09 Emakume futbolariak. Muniain, Aranburu, Griezman. Emakume sukaldariak. Eneko Atxa, Martin Berasategi, Karlos Argiñano. Emakume idazleak. Ramon Saizarbitoria, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga. Emakume politikariak. Arnaldo Otegi, Oskar Matute, Iñigo Urkullu. Emakume pilotariak. Abel Barriola, Juan Martinez de Irujo, Aimar Olaizola. Emakume irakasleak. Ramon Zallo, Mario Zubiaga, Josu Amezaga. Emakume dantzariak. Jon Maya, Igor Yebra, Oier Araolaza. Emakume poetak. Jose Luis Otamendi, Iñigo Aranbarri. Emakume kazetariak. Imanol Murua Uria, Iñaki Petxarroman, Iñaki Soto. Emakume zientzialariak. Albert Einstein, Alexander Graham Bell, Pitagoras. Emakume umoregileak. Anjel Alkain, Rowan Atkinson, Buenafuente. Emakume zuzendariak. Asier Altuna, Telmo Esnal, Alberto Gorritibeherea. Emakume astronautak. Yuri Gagarin, Neil Amstrong, Michael Collins. Emakume aurkezleak. Asier Odriozola, Xabier Euskitze, Kike Amonarriz. Emakume musikariak. J. Crisostomo Arriaga, Vivaldi, Beethoven. Emakume artistak. Nestor Basterretxea, Koldobika Jauregi, Anselmo Guinea. Emakume bertsolariak. Unai Iturriaga, Jon Maia, Aitor Sarriegi. Emakume alpinistak. Alberto Iñurrategi, Juanito Oiartzabal, Alex Txikon. Emakumeen eguna. Ikusezinak garen 364 egun (aurten, 365). Etxekoandreak 2012-03-10 Bizkaiko Foru Aldundiak Berdintasun Sariak banatu zituen martxoaren zortzian, eta aurtengo sarietako bat etxekoandreen kolektiboari eman zion. Guztien izenean Pilar Gilek hartu zuen saria. Mikrofonora hurbildu zenean, apenas ikusten zen atrilaren atzean: «Atril hau legeak egin dituztenek egingo zuten gure ahotsa entzun ez dadin, baina berdin dio. Ohituta nago ikus ez nazaten, baina ez entzun ez nazaten», esan zuen. Eta majo entzun genuen. Aldundiko ordezkariak aurrean egon arren, argi berba egin zuen: etxekoandreen lan baldintzak zein eskasak diren inoren etxean lan egiten dutenean, ze gutxi estimatzen den haien lana euren etxean lan egiten dutenean, ez daukatela langabeziarako eskubiderik, jasotzen dituzten diru laguntzak ez direla nahikoa… entzuten ari nintzela barre egin nion, baina egia ederrak esan zituen. Ez da bera ikusezina izatera ohitu duten emakume bakarra, ezta guztiek entzuteko besteek baino ozenago hitz egin behar duen bakarra ere. Sentsazio horiek han egon ginen neska askok izango genituen. Hala ere, nola aldatu den etxekoandrearen izaera. Oxala, gure amamek halako lekuetan berba egiteko aukera eta adorea izan balute neskame bidaltzen zituzten garaian. Asko falta da, baina, egin ere, bide luzea egin dugu. Zorionak, Pilar Gil; eskerrik asko. Pasatu da 2012-03-11 Gaur amaituko da aste morea. Ala, nahikoa aldarrikatu dugu. Orain, berriro hitz egingo dugu gai unibertsalez; ez gara beti nesken gaiez berbetan egongo. Emakumeon askapenaren alde dauden gizonek arnasa hartuko dute: ulertzen ez dituzten sentimenduak ulertzen eta konpartitzen dituztela esateari utzi ahal izango diote. Instituzioek berriro gordeko dituzte kaxoian hain maite dituzten datuak: honenbeste emakume daude gure mankomunitateko zuzendaritzan, honenbeste emakumeri laguntzak indarkeria matxistaren kasuetan, hainbeste udaletan berdintasun planak. Zenbaki hutsak: ez dugu ikusten horien eraginik ez geuregan ez gure inguruan. Nahiko nuke bihartik aurrera egiten ditugun gauza guztietan ere gizarte osoa izatea presente, ez % 50a bakarrik. Hitzaldi bat antolatzen dugunean, eskolak ematen ari garenean, udaletxeko pleno aretoan esertzen garenean, tornuak egitera goazenean, aitona zaintzeko norbait kontratatzen dugunean edo goizaldeko bostetan garagardoz lepo gaudenean. Beti izan behar genituzke presente neskenak bakarrik direla pentsatzen dugun gaiak: berdintasuna, aukerak, desioak, enpoderamendua… ez dira emakumeen gaiak. Gizartearen beste % 50aren gaiak dira, eta, ondorioz, gizonezkoen gaitzat hartzen diren gaiak bezain unibertsalak. Nork ulertu? 2012-03-13 Barre egin dut beti lagun bezala bakarrik maite nautela esan didatenean. Beno, barre aste bi pasatu eta gero, lehenengo momentuan negar ere egin izan dut eta. Izan ere, asko asko asko maite zaituen norbaitek, justu horregatik, maite zaituelako ezin izatea zurekin larrutan egin oso arraroa da. Diot nik maite banau, normalena nirekin larrua jo nahi izatea izango dela, ezta? Azken batean, nik ez dut hainbeste maite, baina desiratzen nago berarekin larrua jotzeko. Izan liteke ni itsusiegia izatea ere, horrela uler nezake bere barruak maitasun purutik tentsio sexualera dagoen saltoa eman ezin izatea. Edozein kasutan, nahiago dut ezetz esan diezadaten adornurik gabe: «Ez, Onintza, begira, ez dut zurekin larrua jo nahi. Nahi baduzu beste garagardo bat hartuko dugu!». Zoragarri. Horrela hobeto, bestela hainbeste maitasunekin nahastu egiten naiz. Eta hori gutxi balitz, Eusko Jaurlaritza ere ni nahasten ari da. Hara, ikusi du Eusko Jaurlaritzak martxoaren 29an lanuztea egiteko arrazoiak badirela, baina ez da grebara aterako. Nork ulertu dezake hori? Barkatuko didazue, baina ez dut ezer sinesten. Pentsatzen dut, nire sinplean, nire xumean, benetan arrazoiak ikusten dituenak egin egingo duela greba, eta egiten ez duenak ez duela egingo arrazoiak ikusten ez dituelako. Euskal Herrira 2012-03-14 Gipuzkoako zaborrak Euskal Herrira. Halaxe dio Gazte Sozialistek edo Sozialista Gazteek (ez dakit euskaraz nola diren) sare sozialetan zabaldu duten pegatina-muntaiak; argi baitago Euskal Presoak Euskal Herrira jartzen duen pegatinaren plagioa dela, mapa eta guzti. Poztekoa da sozialista zaharren ondorengoek Euskal Herria badela onartzea, baina tristea da halako gai baten kontura bromak egitea. Ez dut inoren minarekin jolastea gogoko, eta nahiago nuke neurearekin inork jolastuko ez balu. Batzuentzat, baina, denak balio du. Larriena, ordea, Gipuzkoako zaborrekin egiten ari diren diskurtso txatxua da. Badakit Gipuzkoak birziklatzen ez duenarekin zerbait egin behar dela, baina, beste lurraldeetan ere atez ateko bilketa astiro-astiro sartuz gero, agian nahikoa izango da ditugun zabortegiekin eta errauste plantekin. Euskal Herria osorik hartuta ere, ez da herri handia; beraz, azpiegiturak bana ditzakegu gure artean. Esaterako, sei aireportu ditugu, eta gehienak txikiegiak dira ganorazko hegaldi eskaintza bat egiteko. Lurralde bakoitzak bere gauzak izatea ondo dago, baina halako azpiegitura handiez ari garenean, zabortegiak edo errauste plantak kasu, ondo kalkulatu behar dugu ze eremu geografiko daukagun eta zer behar dugun benetan. Akabo 2012-03-15 Pronostiko guztien arabera, gaur mundua gelditu egingo da. Tira, mundua ez dakit, baina Bizkaia bai. Eta Bizkaia gelditzen bada, munduaren zati inportante bat geldituko da, ze arraio! Espainiako selekzioak munduko kopa irabazi zuenean Madrilgo kaleetan pilatu ziren jarraitzaileek pena eman zuten; Espainia lur jota, eta haiek futbol selekzioari agurka. Gu ez gara horrelakoak. Gurea zaletasuna da: inoiz ez dira UEFAko partida bat ikustera Manchesterrera mugitu ziren beste jarraitzaile mugitu. Gurea da zaletasuna, eta ez Bartzelonakoen edo Madrilgoen histeria. Guk Athletic bihotzean daramagu. Gaur inork ez du arazorik izango. Gaur mundua gelditu egingo da laurogeita hamar minutuan, eta, ondoren, ikusiko dugu ea martxan hasten den edo ez. Gure mutilen eskuetan dago gure etorkizuna; nesken taldea ere badute, baina ez dago konparaziorik. Egia da, bertoko jokalariak izanda, arraroa dela gehienek euskararik ez egitea, baina ereserkia euskaraz da, eta bizkaitar guztiek dakigu. Zelan ez bada, Athletic gure ikurra izanda. Gaur mundua gelditu egingo da; eta futbola kulero azpitik pasatzen bazait ere, ezingo dut ezer egin, mundu guztia partidari begira egongo delako. Baina, noski, arazoa nirea da: nik histeria kolektiboa ikusten dut beste guztiek zaletasuna ikusten duten lekuan. Erlijioa 2012-03-16 Jesukristoren adinetik hurbilago nago hogeita hamabitik baino, eta ez dut ikasi. Jakin behar nuke honezkero ezin dela edozein gai edozein tonutan atera. Gai batzuen inguruan dugun iritzia gorde egin behar da nonbait; eta nik gorde ez. Kafe Antzokiaren aurrean marmarti betaurrekodun batek ondo deskribatu zuen lez, nire besaulkian jesarri lasai, eta idazteari ekin nion asteazkenean. Ez dakit zer pasatu zitzaidan burutik, baina Athletic zaleekin sartu nintzen. Eta orain futbolaren kontra hitz egitea cool-a omen denez, lagunak etsaitu egin zaizkit. Baina oso cool-a ez den norbaitek aspaldi esan zuen: gola zelaian, bakea lurrean. Nik ikusten nuena nola ulertzen nuen baino ez nuen azaldu, eta, hara, badirudi intelektualarena egiten hasi naizela orain. Bada, jakin ezazue gaur eta asteazkenean berdin pentsatzen jarraitzen dudala, eta prest nago edozein barra bazterretan nahi duenarekin eztabaidatzeko. Bart gauean mozkortu ziren lagunak mozkortu ez zirenen beste maite ditut, eta, marea hau pasatzen denean, berriro ere lasai hitz egingo dut haiekin futbolari buruz. Eta aurtengoz ere amaituko da liga, eta Real Madrileko zaleak Cibelesen ikusten ditugunean, «erotuta daude», esango dugu guztiok; bai atzo mozkortu zirenek eta bai mozkortu ez zirenek ere. Jateaz 2012-03-17 Halako eta holako marroiak jaten ditugula esaten dugu askotan. Gustatzen zaigu kontatzea zein gaizki pasatzen dugun lanean, zein estresatuta gauden, zein pozik aldatuko genukeen. Ez dakit benetan esaten ditugun halakoak, hala Gabonetan loteria kontzientzia garbiz erosi ahal izateko geure burua konbentzitzen ibiltzen ote garen. Nik pentsatzen dut laneko marroiak direla jaten ditugun gauzarik gozoenetarikoa. Garratzagoak dira jaten ditugun hitzak. Ez sutsuki eztabaidatu ostean arrazoirik ez dugula ohartzean, edo bizitza osoan ezetz esan diogunari baietz esatean jaten ditugunak; ez. Esaten ez ditugun gauzek ixten digute urdailaren atea. Gainera, sinestezina dirudien arren, sentimendu onak dira gehien isiltzen ditugunak. Txarra beti ateratzen dugu, nola edo hala; besterik ez bada leher egiten dugunean. Ona ordea ez. Gutxitan aitortzen diogu norbaiti maite dugula, gutxitan esaten diogu lagun bati haren falta dugula… ez dut ulertzen zergatik. Desioa gorde egiten dugu beldurragatik, edo ezetzik esan ez diezaguten, edo nork jakin zergatik. Harrigarria da nola jaten ditugun berba politak inork pentsatu ez dezan harekin zerbait gehiago nahi dugula, edo inork pentsatu ez dezan tuntunak garela, edo inork pentsatu ez dezan ahulak garela. Zelan ez dugu, bada, bihotzerrerik izango? Iparra 2012-03-18 Sorginei buruzko hitzaldi batean izan ginen, eta atera ginenerako gau zarratua zegoen Artzentalesen. Lagun batek zerura begiratu zuen, eta «begira, hori, besteak baino pixka bat laranjagoa den hori, Marte dela uste dut», esan zigun. Burua jaso genuen guztiok, eta zerua zoragarri zegoen. Garbi-garbi ikusten ziren izarrak, eta argi bereizten ziren hartz handia eta txikia, eta garbi ikusi genuen ipar izarra. Brujula perfektu haren berri lehenengoz izan nuenetik dakit ze garrantzitsua den iparra ez galtzea. Baina, gaur egun, inoiz baino brujula eta GPS gehiago ditugun sasoiotan, sekula baino galduago gabiltza: beti geure buruaren bila, eta egundo aurkitu ez guztiz. Itsasontzi bakarra ozeanoaren inmentsitatean galtzen den moduan galtzen gara hiri handietan. Denbora inoiz baino gehiago betetzen dugu. Goizero joaten gara lanera, lagunekin elkartzen ahalegintzen gara ordu erdirako bada ere, afaltzeko orduak bileretan harrapatzen gaitu, tarteka ikastaro interesgarriak egiten saiatzen gara, eta goizaldeko ordu txikietan irakurtzen ditugu azken nobedadeak. Eta hala ere, inoiz ez gaude ziur: eguneroko autopista hau ote da nire bidea? Sarriago hartu behar genuke gora begiratzeko astia. Iparra hantxe dago gauero norabidea erakutsiz; baina guk ez daukagu begiratzeko astirik. Geltokiak 2012-03-20 Izugarri gustatzen zaizkit tren geltoki handiak; bizitzaren antz handia dute. Nasa bakoitzean tren luze bat egoten da, eta guk, aukeratu dugun norabidearen arabera, bakarra hartzen dugu. Txartela erosten dugunetik dakigu geltokian dagoen jende guztiak ez duela gure bidaia bera egingo: gure ondoan eser daitezen nahiko genukeen askok beste tren bat hartuko dute, eta usain eskasa ekarri duten zenbaitek, gure ondoan ez bada ere, bagoi berean egingo dute bidaia. Txartela erosten ez badugu, bidaia emozionantea egingo dugu, baina, agian, ez gara nahi dugun lekura helduko. Trena sasoiz hartzen duen marearen erdian, ostera, beti dago baten bat, azken orduan lo gelditu delako trena galtzen duena. Hartuko du hurrengo trena, baina galdu duen trenean zer edo nor zegoen ez du inoiz jakingo. Trenaren barruan ahal duena egiten du bakoitzak: lo, paisaia ikusi, maitea besarkatu, sudokuak, tabernara joan, bagoi batetik bestera ibili... eta badira, oinetakoak kendu eta aulkia haientzat eginda balego legez, oso eroso joaten direnak ere. Bidaiaren amaieran geltokiko atea gurutzatu, eta zain inor ez dugunean, edo euria ari duenean, edo postura onik hartu ezin izan dugulako kokoteko mina daukagunean, ohartzen gara zein garrantzitsua den bidaia ahalik eta ondoen aprobetxatzea. Negarra 2012-03-21 Ez dakit andereño Pilitxuri ze enkargu ematera joan nintzen Gernikako institutura, baina akordatzen naiz kafetegirako bidean Amaia aurkitu genuela, orduan hango ikaslea baitzen. Orain gogoratu nahi ez dudan motibo bategatik, Amaiak negar egin zuen, eta nik lasaitzeko esan nion, ez egiteko negarrik. Andereño Pilitxuk, orduan ere historia baino askoz gehiago irakatsiz, agirika egin zidan: «Zergatik ez, Onintza? Negar egitea ona da!». Terapeutek ere hala diote: sentimendu mingarriak barruan gordetzea ez da ona. Horiek guztiak ateratzeko bide bat da negarra, eta pentsatu nahi dut malkoek libratzen nautela barruan korapilo handiegiak izatetik. Joan den igandean, Jose Luis Kortak kamaren aurrean negar egin zuen, eta, sare sozialetan irakurri dudanez, uste genuen baino «ahulagoa» da Korta. Ez nator bat. Negarrik ez egitearren dena gordetzen duenari egunen batean astunegi egingo zaio barruan gordetakoaren zama, eta nortasuna ozpinduko zaio, eta «honaino heldu naiz» esaten duenean ez da atzera bueltarik egongo. Negar egiten duena, berriz, mindu edo amorrarazi duten bakoitzean hustuta iritsi da dagoen lekura; une latzak latz egin zaizkiola irakatsi diote negar anpuluek, baina gainditu egin ditu. Horrek une latzagoak gainditzeko segurtasuna ematen dio. Amerikanoak 2012-03-22 Ez dakit ezertarako balioko duen, baina pozik irakurri dut Idahoko Estatu Gaietarako Batzordearen adierazpen instituzionala. Hemendik Amerikara itsas legoa asko daude, baina pausoak eman behar dituenak ematen ez dituenean, urrunetik heltzen zaizkigun keinuak eskertu egiten dira. Familia askok daukate senide amerikanoren bat, eta odolak lotu egiten duenez, askotan izan dugu Amerika Euskal Herritik hurbil. Pentsatzen dut Idahoko legebiltzarrak eta senatuak elkarrekin adostutako adierazpena sinbolikoa izango dela askorentzat, baina hemendik hara behinola zenbat jende joan zen jakinda, gehiago izan dadin nahi nuke. Euskal herritarrok gatazka konpondu egin nahi dugu, gure etorkizuna erabaki eta aurrera egin. Eta badirudi bizimodu hobearen bila hemendik joan zirenen ondorengoek ere gurekin bat egiten dutela sentimendu horretan. Gure auzoko gizon batek behin esan zidan «han Ameriketan» jendea ez dela guk uste dugun bezain bizkorra. Bera egona zen bolada batez Ameriketan eta ez omen da han ondo jaten, eta ohitura harrigarriak omen dituzte euskaldunen aldean. Desiatzen nago gaur iluntzean, lanetik atera, eta ardo bat kentzeko. Esan nahi diot litekeena dela amerikanoak ez izatea hain bizkorrak, baina espainiarrek baino errazago ulertu dutela euskaldunok zer nahi dugun. Gaitasunak 2012-03-23 Inor ez da iristen 80 urtera 20 urterekin zituen gaitasun berberekin. Amama Klarak, alzheimerrak harrapatu aurretik, usaimena galdu zuen. Gure aitak ez du ondo entzuten. Amama Teresa oso torpe dabil, eta gure amari apuntatzen ez duen guztia, eta apuntatzen dituen zenbait gauza berdin, ahaztu egiten zaizkio egunero. Hala ere, gure amama, aita eta ama oraindik harritu egiten dira. Bizi izan diren guztia bizi eta gero, zenbait gauza kontatzen dizkiegunean harritu egiten zaizkigu. Eta hori zoragarria da; izan ere, urteetan aurrera doazen guztiek ez dute azkenera arte gordetzen. Harritzen ez denak ikusi du dena, usaindu du dena, entzun du dena, ukitu du dena, dastatu du dena. Ez du ezerk harritzen. Eta diot nik ezer ez zaiola gelditzen dena ikusi, entzun, usaindu, entzun, ukitu edo dastatu duenari. Nik zahartzarora iritsi nahi nuke, neure buruaren jabe banaiz behintzat. Baina, batez ere, hemendik berrogeita hamar urtera, harritzen jarraitu nahi dut. Zahar etxean banago ere, kontuak esaten datorkidanak esaten didanak interesa piztu diezadala. Eta hori galtzen dudanean, Nerek ondo esaten zidan moduan alboko ordenagailuan esertzen nintzenean, ez naiz izango ni, eta aspertu egingo naiz. Eta bizirik egonda aspertzea hiltzeko modu bat da. Udaberria 2012-03-24 Umea nintzela, dermatitisa eragiten zidaten neguaren osteko lehenengo beroek. Garauak ateratzen zitzaizkidan gorputz guztian, eta azkura itzela izaten nuen. Medikuarenera joaten nintzenean, azkura kentzeko ukenduak ematen zizkidan, baina oraindik ez dakit udaberriro ateratzen zaizkidan lagun gorrixka txiki horiek zerk eragiten dizkidan. Azkuraren kontrako ukendu guztiak probatu ditut, farmaziakoak zein etxean egindakoak, baina sintoma hauentzat dudan azalpen bakarra amama Klarak umetan ematen zidana da: «Lasai, umea, hori odolaren aldaketa da!». Ez da oso zientifikoa, baina daukadan kontsolamendu bakarra da, eta gero eta garbiago daukat egia dela. Hartzek lo egiten dute negu guztian, eta udaberrian esnatu egiten dira neguan berriro lo egin ahal izateko. Inurriek gogor lan egiten dute beroaldian, hotza datorrenean lurpean eusteko udako erreserbekin. Neguan lurrean finkatutako egur zatiak baino ez diren zuhaitzak loratu egiten dira udaberrian. Zelaietan loreak ateratzen dira eta ortuetan kolore guztietako barazkiak, frutak eta intsektuak. Izaki bizidun guztiak bizi dira ziklikoki; beraz, ez du zentzu handirik ziklo horren eraginik jasaten ez duen izaki bizidun bakarra gu izateak. Udaberriak txolindu egiten zaituela? Zoragarri. Bizirik zaude. Borobilean 2012-03-25 Borobilean bizi gara, zikloka. Sokaren mutur biak borobilean elkartu, eta katebegiak osatzen ditugu. Demagun eguna argitzen duenean sokamutur bat daukagula eskuetan, eta gauean, egin beharreko guztiak eginda ohea zabaltzen dugunean han dagoela beste muturra. Biak batu, eta osatzen dugun borobilak eguna itxiko du, eta zazpi borobil katean lotuta astea egingo genuke, eta lau asterekin hilabetea, eta hamabi hilabeterekin urtea. Eta halaxe bizi gara: egunak gaua dakar, eta gauak berriro argitzen du eguna; udak udazkena dakar, baina neguak udaberria zor du berriro ere. Eta guri buruan sartu zaigu lerro zuzen bat osatu behar dugula jaiotzen garenetik hil arte, eta hor goaz negua denean hotz egiten duelako eta udan beroa egiten duelako haserre, geure oinei begira oinez, lerroari jarraika. Altxa burua eta egin borobilak lerro zuzenean. Hasten den oro amaitzen da: harremanak, bidaiak, lagunak, lana, obrak… Hasierak eta amaierak korapilatu eta borobilak ixteak lagundu egiten digu ziklo berriei ateak zabalik itxaroten. Lerro zuzenak ez du muturrik lotzen eta ez du ziklorik ixten; aurtengo udaberria iazko neguaren jarraipena baino ez da. Eta orain dugun aro hau berria da. Ezagutzen dugun pertsona bakoitzaren moduan, edo hasten dugun lan bakoitzaren moduan. Bidaiak 2012-03-27 Motxila edo maleta hartu, eta hara edo hona joatea gustatzen zaigu. Ez bakarrik neguan aurpegi beltzaranarekin harro-harro ibiltzearren; interesante sentitzearren ere bai. «Ni halako lekutan egonda nago…», esateak estatusa ematen digu. Hala ere, barregarria da leku batez zein beste batez berba egiten dugun bakoitzean nola guztiok antzerako gauzak kontatzen ditugun. Denetariko gidak ditugu bidaiatzeko: alternatiboak, leku garestiei buruzkoak, oso turistikoak, turistikoak baina desberdinak… Bakoitzak bat edo beste jarraitzen dugu gure interesen arabera, baina azkenean oso antzerako zirkuituak egiten ditugu hotelen prezioak salbu. Badirudi, Argentinara joan eta Iguazura ez bazoaz, alperrik joan zarela. Baten batek kantatzen zuen moduan: «Ez dezatela esan ez naizenik egon». Atera argazkia eta erakutsi guztiei. Bidaiatzea oporrak pasatzea baino zerbait gehiago izan dadin ikusten ditugun lekuetan bizi direnen kezkak, ohiturak, barrea, negarra… entzutea beharrezkoa da. Litekeena da, isilik denbora gutxi aguantatzen dudalako izatea, baina niri bakarrik bidaiatzeak lagundu dit horretan. Baina, bakarrik aproba egin nahi ez duenak ere badauka aukera Euskal Herritik mundura uda guztietan ateratzen diren brigadetan. Jo eta hil 2012-03-28 Niri berdin dit Tolosan, Gasteizen edo Tuteran gertatu den; eta ez dut uste garrantzitsua denik hil dena Ekuadorkoa izatea edo hil duena Perutik etorri izana. Pentsatzen dut ez dela garrantzitsua aurten hildako zenbatgarrena den gaur hil dutena edo herenegun garbitu zutena. Bakarra ere nahikoa da eskuak burura eramateko, eta ez nuke nahi hildakoak zenbakitzat hartzerik. Telebistan eta egunkarietan gogaitu arte irakurtzen ditudan datuak alferrikakoak direla begitantzen zait. Tolosan hil zuten indarkeria matxistaren Euskal Autonomia Erkidegoko aurtengo lehen biktima. Hori ez da titulura eraman beharrekoa. Niretzat notizia da aurten, 2012an, XXI. mendean, oraindik ere indarkeria matxistaren ondorioz emakumeak hiltzea. Guk, ekialdeko bizilagunok, mundu guztira demokraziari eta bakeari buruzko lezioak ematera joan garenok, urrutiko emakumeei askapenerako bideak irakatsi dizkiegun andre zein gizonok, geure burua garatutzat daukagunok, ez dugu izurrite mingarri eta jasangaitz horren kontra ezer eraginkorrik egin. Arazoa estrukturala da, beraz. Busti gaitezen benetan: alda dezagun botere harremanetan oinarritutako gizarte egitura hau. Pertsona askeak eraiki behar ditugu, eta ez sexuak indartsuago edo ahulago egingo dituen gizon-emakumeak. Eskubidea 2012-03-30 Greba egiteko moduak asko aldatu dira, aldatu direnez. Lehen piketeak piketeak baino ez ziren. Orain pikete informatiboak egiten ditugu: ez da errepiderik mozten, ez da inoren lanerako bidea oztopatzen, ez da harririk botatzen… XXI. mendeko grebetan eskirolik ere ez dago: grebarik egin nahi ez duten langileek eskubidea daukate lanera joateko. Lanera joatea eskubidea balitz bezala! Lanera joatea, gure sistema honetan, beharrizana da. Eskubidea dugu lanean tratu duina jasotzeko, soldata duina izateko, haurdunaldi bat despidorako motibo ez izateko, eta abar eta abar. Baina goizean jaiki eta kopeta ilunez lanera joatea ez da eskubidea, betebeharra da; edo beharra, besterik gabe. Pobreak lan egin behar du bizitzeko eta aberatsek derrigor behar dituela sinetsarazi dioten luxuak ordaintzeko. Hala ere, tartean behin, bere lantokian hamaikagarren aldiz zapaltzen dutenean, gutxienez «ai, min egin didazu» esateko eskubidea dauka. Beraz, ni eskema zaharretan harrapatuta geldituko naiz nahita: ai esan dugunok, nahikoa da esan dugunok, inposatu digutena onartu nahi ez dugunok, ez gara inoren lanerako eskubidea zapaltzen ari. Zuek, martxoaren 29an lan egin duzuenok urratu duzue edozein langilek munduko edozein lekutan inork zapaldu gabe lan egiteko duen eskubidea. Martxoak 31 2012-03-31 Badirudi bostehun urte pasatu direla inoiz gertatu ez zen Gerra Zibil hartatik. Baina ez dira hainbeste urte Espainiako militarrak Errepublikaren eta, bidez batez, euren proiektu bakarra, handia eta librea defendatzeko traban zegoen guztiaren kontra oldartu zirela. Gure aitona-amonek ikusi egin zuten espainiarren gorrotoaren sua alemaniar eta italiar hegazkinetan. Martxoaren 31 batez Durango erre zuten, apirilaren 26 batez Gernika, uztailaren 22 batez Otxandio. Eta horrela osatu zuten menperatutako herrien zerrenda: bonbaz, suz eta odolez. Gerra zibila deitu zioten, baina egin zutena hurbilago dago estatu kolpetik gerra zibiletik baino. Elorrio partetik sartu omen ziren bat, bi, hiru, sei, zortzi hegazkin Durangora, eta pasatu ahala bota omen zituzten bederatzi, hamar… bonba herritarren gainera, eta hil zituzten herritarrak: hamaika. Eta harrezkero ez gaituzte bakean utzi. Hegazkinez ez bada, patrol berdeetan edo furgoneta urdinetan etorri zaizkigu: atxilotu gaituzte, torturatu gaituzte, legea aldatu dute kartzelan ustel gaitezen, hil gaituzte… eta lehengo militarren altxamenduari Gerra Zibila deitu zioten moduan, inork ulertzen ez duen zera honi demokrazia deitu diote orain. Ez dudarik izan: ahal izango balute, memoria ere erre egingo ligukete. Liburutegian 2012-04-01 Gure herriko liburutegia oso ondo dago. Ez bakarrik liburuzaina jatorra eta dotorea delako eta bere lana guk merezi baino hobeto egiten duelako; merezi baino nobedade gehiago eta hobeak ekartzen dizkigutelako baino. Eta lehengo egunean oso ariketa frikia egin nuen: liburutegiko apaletan begira hasi nintzen ea zenbat liburu irakurri ote ditudan gure bildumatik. Gutxi. Oso gutxi. Egia da liburutegian gaztelaniaz dauden batzuk euskaraz irakurri ditudala nik, eta horiek ez nituela kontatu, baina hala ere gutxiegi irakurri ditut. Litekeena da nik pentsatzen dudan baino irakurle eskasagoa izatea, baina uste dut arazoa beste bat dela. Liburutegiko apaletan bueltaka ibili ordez, zenbait dendatako apaletan ibiltzen naiz, eta azkenean liburu asko erosi egiten ditut. Baina ez justu liburu horiek direlako erosi nahi ditudanak: titulua gustatu zaidalako, azala oso ona delako… eta badakit ariketa hori bera liburutegian egingo banu garagardotarako diru gehiago geldituko litzaidakeela. Baina gustatzen zait etxeko apalategietan liburuak ikustea, poemak buruz ikastea, azpimarratutako esaldiak behin eta berriro irakurtzea… eta gustatzen ez zaizkidan liburuak liburutegira eramaten ditut. Bai, ez dago dudarik, nik uste nuen baino askoz frikiagoa naiz. Maketoak 2012-04-03 Badakit euskaltegira joaten dela egunero fin-fin. Gero eta euskara gehiago hitz egiten dut berarekin, eta jakin dakit niri ingelesez egitea kostatzen zaidan adina kostatzen zaiola oraindik euskaraz komunikatzea. Gaur, nik ere ez dakit oso garbi zergatik, baina galdetu diot ea bere emazteak euskararik badakien, eta ezetz esan dit: «Denok gara maketoak». Barreka hasi gara biok, baina esan diot halakorik ez esateko, nahiz eta berak egia dela azpimarratu. Izan ere, hain despektiboa da hitz hori, hain mingarria jende askorentzat, eta hain merke esaten dugu. Behin lagun bati esan nion brometan, eta haserretu egin zitzaidan; edo hori baino okerragoa dena, mindu egin nuen. Ez dut nik justifikatuko aukera izanda euskararik ez ikastea, baina irudipena daukat eskolan euskaraz egitearren eraztuna eraman zuten haien mina ezin dugula halako adjektiboekin konpondu. Maketo hauek esaten dugun aldiro administraziora joan eta izapide orriak euskara hutsez beteko bagenitu, guk ere mesede egingo genioke euskarari. Zer esanik ez, maketo hauek kritikatzen ditugun aldiro, eskela asko dituzten egunkariak erosteari utziko bagenio, edo gaztelaniazko telebista ikusteari, edo hiriburuko dendetan gaztelaniaz eskatzeari, edo sichicapues esanda elkarrizketak hasteari. Lotsa 2012-04-04 Zerk ematen dizu lotsa?», galdetu didate. Harritu egin nau erantzuna zein argi dudan ikusteak, neure burua hain seguru eta lasai erantzuten entzuteak. Etxean beti esan digute lapurretan egiteko bakarrik izan behar dela lotsa, baina hori erantzungo banu gezurra esango nuke. Batetik, inoiz gominolaren batzuk ostutakoa naizelako; eta, bestetik, lapurretak ez nauelako lotsarazten, harrapatuko banindute pasatuko nukeen tratuak baizik. Ez nau lotsatzen jatorriak, brageta zabalik ibiltzeak, jendearen aurrean hitz egiteak, kalean noala erortzeak… Ni biluzteak lotsatzen nau. Norbaiten aurrean arropak kentzea ariketa zaila da niretzat; baita medikuaren aurrean ere. Pentsatzen dut horregatik gustatzen zaidala gero eta gehiago hondartzara bakarrik joatea. Beste norbaitek biluzten nauenean ere igarri egiten dut nola gorritzen zaizkidan matrailak infinitura arte: hasten dira arropak ohe barrenera erortzen, eta hasten da nire gorputza agertzen. Sorbaldak, titiak, zilborra, alua, izterrak, ipurdia, belaunak, bernak, oinak… denak bistan beren indar eta ahuldadeekin, beren plazer eta minekin, sekreturik gabe, erori zirenak altxatuko dituen zerarik gabe, bolumena disimulatu edo estaliko duen estalkirik gabe. Besterik gabe, biluzik. Sinestezina dirudi, baina lotsa ematen dit! Beldurra 2012-04-05 Nik ez dakit amama Klarak Biblia irakurrita izango zuen edo ez, baina Walt Disneyk ipuinak baino hobeto kontatzen zituen bertako kontuak. Bereziki gogoratzen dut nola kontatzen zigun azken juizioko eguna: «Zerutik aingeruak jaitsiko dira tronpeta joz, eta Jainkoak guztiok eramango gaitu Josafateko zelaira, eta han onak eta txarrak bereiziko ditu. Baina gu lasai joango gara onak izan baikara; eta onak salbatu egingo gara betirako infernutik». Pentsatze hutsak kakatan jartzen ninduen. Atera kontuak: amamaren ohe buruko Ama Birjinaren inguruko aingeruei tronpetak ikusten nizkien. Orain badakit hor goietan ez dagoela izaki potolo hegodunik, baina egunotan Bilbon ikusi ditudan tronpeta jotzaileek beldurra ematen didate: sotana luzeak jantzita ibili dira, gurutzea eskuan, aurpegia estalita, oinutsik. Beti galdetu diot neure buruari ea zergatik erabiltzen duten beldurra fedea zabaltzeko: Jainkoak zigortuko zaitu, bizkarrezurra okertuko zaizu… eta pentsatzen dut kontua dela lehenengo beldurrak sortzen dizkigutela, eta gero, eurek sortutako beldurren irtenbide gisa, zerua eskaintzen digutela. Esan nahi dut Josafateko zelaia dagoela sinesten ez duenak ez duela behar Jainkoaren salbaziorik, eta salbaziorik behar ez duenak ez duela zertan hura lortzeko meriturik egin. Gurutziltzatu 2012-04-06 Gaur bezalako egun batez, duela bi mila urte inguru, Jesus izeneko gizonezko bat gurutziltzatu omen zuten. Bezperan hamabi lagunekin elkartu zen afaritan, eta haietako batek saldu egin zuen. Soldaduek eta salatariak tratua eginda zuten: atxilotu behar zena hamabietako zein zen jakin zezaten, Judasek muxu emango zion Jesusi soldaduen aurrean. Atxilotuta zegoela, erromatar enperadorearengana jo zuten soldaduek, eta atxilotu bakarra Jesus ez zenez, enperadoreak aukeratu egin behar izan zuen nor askatu. Eskuak garbitu zituen: herriari eman zion aukeratzeko aukera, eta bera errugabeak gurutziltzatzetik libre gelditu zen. Azkenean, zigortu eta torturatu ondoren, Golgotan gurutziltzatu zuten Jesus. Hori da gutxi gorabehera Eliza katolikoak kontatu diguna, eta hori da, hain zuzen ere, berak egundo sinetsi ez duena. Fedea ez da txarra, baina fede katolikoa zabaldu dutenek sekulako sarraskiak egin dituzte Jainkoaren izenean: jendea torturatu eta sutan erre zuten haien doktrina ez onartzearren; faxistei muxu eman izan diete, ostia santuarekin batera; eta eliza barruan egin diren haur lapurreta zein haur bortxaketen aurrean eskuak garbitu dituzte. Lotsa apur bat izango balute, konfesioaren ordez, barkamena eskatuko ligukete. Aberria 2012-04-08 Aberriaren eguna da gaur. Bere berrian izen zaharkitua da aberria. Guk herria esan dugu beti: eta gure herria esaten dugunean, abertzaleok behintzat, Maule, Karrantza, Oion eta Tutera barruan hartzen dituen eremu geografikoaz ari gara. Nire iruditerian, bihotzean, buruan edo nahi duzuen lekuan, horixe da Euskal Herria, eta, gaur, Euskal Herri horren eguna izan dadin nahi nuke. Baina oraindik aldarrikapenen aroan gaude, eta inbidia ematen didate munduko beste herriek; batez ere, euren herriaren eguna ospatu egin dezaketenek. Gaur, Iruñeako manifestaziora joango naiz, herri hau nazio izatea nahi dudalako, eta ospatzeko baino gehiago egiteko daukagula konturatuko naiz. «Aspaldi, kolonialistak oraindik hemen bizi zirenean», esaten dutenen moduan hitz egin nahi nuke. Egunen batean, aberriaren edo herriaren egunean memoria ariketa egin nahi nuke: poliziek estu hartzen gintuzten sasoiak urrutitik ikusi, gure hizkuntzarekiko zelako jarrera izan duten garailearen irribarrez gogoratu. Aberriaz lehenengoz hitz egin zidatenak beste dimentsio batean daude orain, baina nahi nuke, nik inori esplikatu beharrik ez izatea eskolako liburuan agertzen dena ez dela Euskal Herria, espainiarrek asmatutako zerbait baizik. Egunen batean aberri eguna ospakizun egun hutsa izatea nahi nuke. Zelofana 2012-04-10 Guztiok ez dugu gauza bera bilatzen egunkaria zabaltzen dugunean, eta horrexegatik iruditu zitzaidan kritika ona nik idazten dudana goi mailako literatura ez dela esan zidan gizonak egindakoa. «Ez, ez da», argitu nion, «baina kontua da hori ez dela nik egin nahi dudana». Bizipen soilez idazten dut, gertatzen zaizkidanez. Zelofanarekin bil ditzaket, baina gauza arruntak dira pozten, harritzen, mintzen edo irribarretsu jartzen nautenak. Ez dut goi mailako literaturarik egin nahi; besteak beste, ez dakidalako horretarako gai naizen ere! Ni hauxe naiz. Eta horixe da Iruñeako taberna batean etorri zitzaidan neskari esan niona ere: pena dela halako aitzurrarekin ezagutu beharra, agian pentsatuko zuela pertsona zentzuduna naizela, baina halakoxea naizela. Poztu egin zen. Hala esan zidan: «Orain badakit egia idazten duzula». Nik idatz dezaket igandean whiski garestia edan nuela, eta kamareroak ez dakit zein bakarlari amerikarren musika jarri zuela, eta musikaren erritmo sentsualari jarraiki hurreratu nintzela nire bizitzako gizonarengana. Zelofana, zelofana eta zelofana. Beste askoren moduan, garagardo merkearekin galdu nituen paperak, fitxak sartu zizkidaten eta sartu nituen (azkenerako trakets) eta kanturik eskasenekin egin nuen dantzan lehertu arte. Indarkeria 2012-04-11 Telebistan ez dute hiltzailearen izenik esan, ezta hildakoaren familiaren edo lagunen saminik erakutsi ere. Egunkari handiek «ustez» hitza errepikatu zuten autopsiaren emaitza argitaratu zen arte. Hilketez, demokraziaz eta tolerantziaz hitz egitea gustatzen zaien zenbait politikarik indarkeriaren gaineko analisiak egiteko momentu egokiaren zain geratzea deliberatu zuten. Gaueko informatiboetan ez genuen hiltzailea etxetik atxilotuta nola ateratzen duten ikusteko aukerarik izan; armak gordetzen zituen zuloko argazkirik ez dago inon, bere «modukoekin» biltzen den taberna edo egoitza ez dute miatu. Egia ezkutatu nahi izan digute, baina aurpegian leher egin die gezurrak. Eta gezurtia harrapatu egiten da: noiz arte sinetsiko genuen astelehen gaueko Teleberrian, arazo tekniko bat dela medio, ezin izan zutela Iñigo Cabacasi buruz hitz egin? Aspaldi desagertuta behar zuten gomazko pilotek gurean, baina berriz ere desegin dute familia bat, gazte bat lurrean zerraldo utzi dute, ezintasuna airean gelditu da. Libre dira nahi dutena egiteko. Lehen ere egin dituzte halakoak: kazetarien kontra oldartu ziren duela gutxi, Xuban Nafarrate larri dago… beldurtzen nauena ez da Ertzaintzak herritarron kontra darabilen indarkeria, indarkeria hori erabiltzeko duen inpunitatea baino. Politizatzeaz 2012-04-12 Iñigo Cabacasek ez zeraman borrarik, ez zeraman gomazko pilotak jaurtitzeko gailurik, ez kaskorik. Bere talde kutunaren garaipenaren poza baino ez zeraman, eta pilota batek kendu egin zion betiko. Pentsatzen dut momentuaren larritasuna: ihesbiderik gabeko kalea, gomazko pilotak airean, jendea nora ezean, Ertzainak harro irteera bakarra itxiz… eta halako batean, edonor izan zitekeen arren, Cabacas lurrean. Eta ezin lagundu, ezin eutsi, ezin anbulantziari deitu, ezin esan, ezin eskua estutu… gure segurtasuna zaindu behar luketen agenteek ez zieten han zirenei gazteari laguntzen utzi. Gorputzaren ondora makurtu zirenak jipoitu egin zituzten, hemen beraiek agintzen dutelako, eta hori argi uztea gustatzen zaielako. Herritarron segurtasuna bermatu behar luketenak herritarren kontra. Inpotentzia, amorrua, mina, estualdia, urduritasuna eta giza miseria. Eta Barne Saila isilik asteartera arte. Eta diozue Ertzaintzaren jarrera hau ahalbidetu eta baimendu duen politikariaren dimisioa eskatzea hilketa politizatzea dela. Eta hilketa honi heriotza deitzea ez da gertatu dena politizatzea? Eta gertatu den lekuan Herriko Taberna egon dela behin eta berriro azpimarratzea? Eta sare sozialetan idatzi ziren zenbait lekukotza ezabatzea? Haizetan 2012-04-13 Ez dakit egoerak kontrolatzen. Asko irakurri dut inpultsoei eustearen gainean eta komeni ez zaidan egoeretara ez hurbiltzearen gainean, baina praktikan beti egiten dut laban leku berean. Miresten ditut lekuan egoten dakitenak, gauzak komeni zaizkien edo ez aurretiaz dakitenak. Nik salto egiten dut lehenengo, gero hasten naiz paraxutaren hariari tiraka, eta ez dela zabalduko konturatzen naizenerako, gorputza kolperako prestatzea baino ez zait gelditzen. Haizeari eramaten utziz gero, askotan leku zoragarrietara heltzen da bat, baina argi izan behar da beste askotan ez dela hala izango. Edozelan ere, heldu zaren leku zoragarri bakoitzak ahaztarazi egiten dizkizu lurreratze txar guztiak. Batzuentzat ausardia da halakoa izatea, eta beste batzuentzat erokeria zentzugabea. Inoiz inbidia ere eman didate egoera aurretiaz ikusten dutenek, ezer egin aurretik bi aldiz pentsatzen dutenek; Kursaalean Ametsek mikroaren aurretik mugitu gabe erantzuten zidanean bezala. Kontrako itxura eman arren, ez nengoen bera baino erosoago. Baina ez dut derrigor eroso egon behar gustura egoteko; ez dut dena kontrolatu behar ondo egoteko. Nik egoera kontrolatu edo ez, gertatu behar duena berdin gertatuko da, eta, orduan, zertarako balio izan dit dena kontrolatzen eman dudan denborak? Errepublika 2012-04-14 Jendeak kaleak hartu zituen. Erregeak Frantziara alde egin behar izan zuen familia guztiarekin. Laster hartu zituen errepublika jaioberriko gobernuak bere lehen erabakiak, baina kontrario gehiegi zituen. Espainia deitzen dioten mila konkistaren ondorio geografiko horrek ezin izan zuen benetako errepublika garatu, eta Franco hil ondoren izandako trantsizioak argi erakutsi zuen. Euren burua errepublikazaletzat zutenek ere onartu egin zuten erregea izatea estatu berriko burua, baita errege hori Francok ezartzea ere. Trantsizioa deitzen dioten iruzur politiko horrek ez zuen Espainiako banderatzat hartzen dena ere aldatu. Eta banderatzat hartu diot, errepublika garaian banderak hiru kolore zituelako. Zeren arabera erabaki ote zuten diktadura garaiko bandera mantentzea? Ereserkia ere ez zuten berreskuratu: Francori jotzen zioten musika bera jotzen diote munduan zehar nazioaren izena goraipatzen ari diren kirolariei. Espainiarrek ahaztu egin dute errepublika, berrogei urteko izuak memoriatik ezabatu balie bezala. Madrilen diseinatutako eskola curriculumean ez dago errepublikako izen propiorik, ez dago emakumeek botoa ematearen aldeko borrokarik, ez dago erlijioaren derrigortasuna ezabatzeko ahaleginik. Finean, ez dago errepublika izan zenaren transmisiorik. Titanic 2012-04-15 Esaten dute kapitainak ez zuela abiadura moteldu. Gizakiok beti behar dugu errudun bat, eta, Titanic-en kasuan, kapitaina izan zen itsasontzia izozmendiaren kontra eraman zuena. Harengan utzi du historiak ardura. Gure lagun batek esango lukeen moduan, «zerbaitegatik kobratuko zuen besteek baino gehiago». Baina ez ote zuen presio handiegia? Pentsa ezazue inoiz izandako itsasontzirik dotoreena, handiena, luxuzkoena itsasoa zeharkatzera zihoala eta foku guztiak hari begira zeudela. Egia da orain dela ehun urte ez zirela hainbeste foku egongo, baina zeudenak kapitainak gidatu behar zuen ontzi hari begira zeuden. Hollywoodek nahi duena esango du, baina Titanic-era sartu ziren bidaiari gehienak aberatsak zirela esango nuke; eta diru asko ordaindu zuten itsasoa zeharkatzeko. Haurdun omen zegoen emakume batek erizaina eta etxeko zerbitzari bi eraman omen zituen berarekin. Horrek asko esaten du haren maila sozialari buruz, eta besteak ere antzera ibiliko ziren. Beraz, ardura guztia bati eman bazaio ere, nire Onintza erromantikoak esaten dit kapitainari ez ziotela beste aukerarik eman. Abiadura mantsotu izan balu arriskuaren aurrean, ordaindu zutenak kexatu egingo zitzaizkion. Orain ere ez du beti kapitainak agintzen. Elefanteak 2012-04-17 Familia hau terriblea da. Suhiak sekulako dirutza ostu du Palman, eta dirua benetan jaso behar zutenei barkamena eskatu beharrean, haren emaztea negarrez agertu zen bihotzeko aldizkarietan: ez omen da haien sufrimendua errespetatu, gaizki pasatzen ari omen dira… hala ere, ez dute Palmako dirurik behar hantxe bertan jartzen zaien guztia egiteko. Suhi ohia eta haren semea indio eta bakeroetara jolasten dira. Ez nintzateke piperrik ere harrituko benetako armekin egingo ez balute! Azkenean umeak behatza jo du balaz, eta anbulantzian sartu zutenerako igarri omen zuen gertaeraren larria: aitona asko haserretuko zela esan omen zuen, baina bere aitak ez omen du zerikusirik izan istripuarekin. Aitona haserretu? Ez horixe. Aitona bera ere halako jolasetan ibiltzen zen anaiarekin, baina behin, ilobak hanka bezala, anaia jo zuen arte bala batek. Orain, lagun berriak aurkitu behar izan ditu jolasean jarraitzeko, eta guztiori osten digun diruarekin Botswanara joan da. Interreconomía-ko zezena ere hil zezakeen, baina ez, horretarako badago tradizio odoltsu bat. Errege txit gorenak elefanteak hil nahi izan ditu. Elefanteak eta monarkia. Biak desagertzeko zorian. Pozten naiz Botswanako istripuan tiroak bota behar zituena lesionatu delako. Pena handia emango lidake elefanteak desagertzeak. Ulertezina 2012-04-18 Lagun batek katastroaz hitz egin dit. Hitza bera entzuna nuen, baina ez dut egundo jakin zer den. Badakit baserria konpontzen hasi ginenean zerikusia izan zuela gero ordaindu beharreko hainbat paperarekin, baina ez dakit garbi zer den. Lagunak dena azaldu zidan: Higiezinen Gaineko Zergan eragina duela, udalen finantzaketari lotuta dagoela... ez daukat interes berezirik gaian, baina pentsatzen hasi nintzen itzulpenak egiten nituenean asko kostatzen zitzaidala instituzioetako aktak itzultzea. Esaten dute gaztelaniaz irakurtzera ohitu denari zaila egiten zaiola euskarazko paper ofizialak ulertzea, baina duda egiten dut gaztelaniaz ere lehen irakurraldian ulertzen direnik paperok: esaldi luzeak, hiztegi teknikoetan ere agertzen ez diren hitzak, ponposotasun faltsu hori... ez dut uste kasualitatea denik administrazio-hiztegia, batez ere herritarroi ordaintzea tokatzen zaigun kasuetan, hain konplexua izatea. Instituzioak ateak itxita kudeatzeari oso lotuta dago gramatika korapilatsu hori. Guztiok ulertzeko moduan hitz egingo edo idatziko balute, azalpenak eskatuko genituzke, gehiagotan asaldatuko ginateke eta ez lukete gure diruarekin nahi duten guztia egiteko aukerarik izango. Demokrazia egiazko batean, administrazio politikoak ulerterraza izan behar luke. Ihes 2012-04-19 Gaur inoiz baino gehiago gogoratu naiz Isabel Pantojarekin. Benetan. Frank Sinatraren My Waykantuaren bertsioa egiten du Sevillako kantariak, eta edaten dudanean gustatu egiten zait Pantoja imitatzea; beno, edan gabe ere bai. Ingelesez baino errazagoa zait gaztelaniaz kantatzea batetik; eta bestetik, azken batean, Sinatra gizona zen. Ez dut esango emakumeok elkar ulertzeko gaitasun berezia dugunik, baina Sinatrak «for what is a man?» galdetzen du bere kantuan: zertarako da gizona? Eta ni nola gizona ez naizen, harroago ibiltzen naiz gaztelaniazko bertsioarekin. Batez ere, gustatzen zaizkigun gauzak utzi beharraz hitz egiten duenean. Esaten du, «zer kritikatu dezakete, nik errenuntziatzen ikasi badut? Negar egin dut, eta negar egin badut, nire erara izan da». Itzulpena libre samarra da, baina ez didazue ukatuko erabakiak hartzea zaila bada horrexegatik dela: pauso guztiek dute gozotik eta gazitik. Gauza batzuk hartzeak beste batzuk uztea dakar askotan, eta egoera norberaren gainetik jartzen denean, litekeena da alperrik izaten nahi denari eusteko ahalegina. Gozoak ez du gazia arintzen; baina ikasi behar dugu gaziari bere neurrian erreparatzen. Mexikon esan zidaten behin: bizitzak limoiak ematen badizkizu, eskatu barran tekila eta gatza! Zezenak 2012-04-20 Gure ama euskara ta ohitura zaharrak / horreek doguz herriko jostailu bakarrak / kendu guran badatoz toreru azkarrak / burrukarako ondo zorroztu adarrak», kantatzen ikasi nuen umetan. Aitonak irakatsi zidan. Berak zorrotz izan zituen adarrak, eta guri ere hala izaten irakatsi nahi izan zigun. Kontua da mundua zezenez beteta dagoela, eta toreroak falta direla. Indarra beti indarraren kontra, eta arrazoia falta askotan. Inoiz ez dut hain hurbil izan Interreconomiako zezena. Baina lehenengo begiradan konturatu naiz adarrak zein zorrotz dituen. Osborneko zezena ez bezala, Interreconomiakoa erasorako gertu dago, jarreran igartzen zaio. Eta ez da jarrera horretan dagoen zezen bakarra. Krisia konpontzeko bide berrietan sinesten dutenek, feministek, erraustegiaren kontra daudenek, euskararen aldekoek, jendea etxetik bota ez dezaten lan egiten dutenek, elikadura subiranotasunaren alde daudenek, internazionalistek… guztiek daukate zezena aurrez aurre. Nahi eta nahi ez izan behar dute toreroak. Adar zorrotzak izaten hasi, eta kapotea maneiatzen ikastea lortu dugu, baina mila bataila txikik aldatuko dute mundua, eta zezenak animalia zoragarriak izango dira egunen batean. Ez mehatxua, ez espektakulu ankerretan hiltzen duten piztia: animalia dotorea. Bertsioak 2012-04-21 Guk ez genuen ikusi, baina bertan izan zirenek kontatu digute zer gertatu zen. Eguerdi inguruan hegazkin bat agertu omen zen zeruan, eta hiru edo lau buelta egin ostean, joan egin omen zen. Gero, arratsaldeko laurak inguruan, hegazkin gehiago etorri ei ziren, eta orduan bai, orduan sirenak jo zuen, eta hegazkinak bonba hotsean hasi ziren. Astelehena zen; azoka eguna Gernikan. Jendea hasi zen korrika, eta gutxi batzuk bunkerretara heldu ziren, baina gehienek ahal zuten lekura egin zuten ihes, eta asko bidean gelditu ziren. Gainera, ihes egiten saiatzen zirenak metrailatu egin zituzten hegazkinetatik. Alboko herrietatik sua ikusten omen zen nahinon, eta gau hartan ez omen zen gaurik izan: Gernikako suarekin, argirik piztu gabe sartu omen zitekeen haria jostorratzaren begian. Hurrengo hiru egunetan ere, kea zerion herria izandakoaren hondakin erraustuari. Bertan egon ez zirenek esan zuten euskaldunak, errepublikazaleak eta gorriak izan zirela Gernika erre zutenak. Jakina, ez ziren bertan egon, Alemaniako lagunak bidali zituztelako eurek egin ezin zuten lana egitera. Eta 75 urte pasatu diren arren, egon ez zirenen baina zapaldu gintuztenen seme-alaben seme-alabek oraindik ere ez dute bertsio ofiziala aldatu. Memoria 2012-04-22 Amama Klararen etxean zegoen guztia eraman zuten auzokoek. Ustez abertzale zirenak ere lapurretako parte izan ziren. Horregatik esaten zigun burua galtzen ari zenean «zuek txaketa kanbiau sekula be ez». Andonek eta Jesusek gogoan dute Oleskoko zein zubiren azpian ezkutatu ziren Gernika erretzen hasi zirenean, eta haien etxeko lastategitik hegazkinei tiroka gudariak egon zirela kontatu digute. Kontatu ahala, begiak pizten zaizkie, edo itzali, edo behera begira gelditzen dira… Ondarroako lagun batek kontatu zidan han emakumeei ilea mozten zietela, eta herri guztiaren aurrean desfilea eginarazten zietela gorriak izatearren zigorra izan zutela jakiteko. Alzheimerrak eta beldurrak ez digute memoria guztia eraman, zorionez. Hil nahi, baina hil ezin izan zituzten gizon-emakumeen ondorengoak gara gu: bonbarik bota ezin izan digutenez, torturatu eta kartzelatu egin gaituzte, gure nortasuna ukatzen saiatu dira. Baina hemen gaude. Eduardo Galeanori irakurri nion gogoratzea gauzak berriro ere bihotzetik pasatzea dela. Nik memoria biziek gordetzen dituzten xehetasun guztiak jakin nahi ditut. Negar egingo dut entzundakoa bihotzetik pasatzen zaidan aldiro, baina negar horrek gogoraraziko dit egia zor digutela oraindik ere. Isilean 2012-04-24 Ospakizunen erdian esan zidan Txikik gernikarrek ez dakitela ia ezer 1937an gertatutakoaz: «Gernika isiltasunaren gainean berreraikita dago», esan zidan. Arrazoi du. Orain 75 urte Gernikan egondakoetatik bizirik daudenak ume ziren orduan. Berandu hasi gara gertatuez hitz egiten, eta anekdota asko batu ditugun arren burdinazko gerrikoan edo Bilbo nazionalek hartu zutenean, edo Intxortan gertatutakotik ez dakigu askorik. Frentera joan zirenak hilda daude. Garaile atera zirenek kontatu ziguten bertsio ofiziala, eta galtzaile asko isilik geratu ziren. Berrogei urte iraun zuen beldurraren aroak, eta batzuek zerotik hasi nahi izan zuten Franco hil ondoren. Espainiako bandera balkoitik kendu, eta ikurrinak jarri zituzten. Eta ez zuten ezer esan. Baina berrogei urtean haien nagusitasuna jasan behar izan zutenek ere, ez zuten ezer esan. Ez publikoki behintzat. Isilean esan ziguten nortzuk izan ziren txaketa aldatu zutenak, ahapeka entzun genuen nortzuk izan ziren txibatoak, ia ez entzuteko legez esan zuen norbaitek Gernikako Andra Mari elizan errepublikaren aldeko familietako neskak bortxatzen zituztela… eta zenbait alderdi politikok euren barruan onartu zituen hori guztia ahalbidetu zutenak. Inoiz ezer gertatu ez balitz bezala. Baina gertatu, gauza asko gertatu ziren. Kanpora 2012-04-25 Baraualdia egitea zuten asmo bakarra. Legebiltzarreko gela bat hartu zuten, D3Mren kontrako epaiketako auzipetuei euren babesa emateko eta epaiketa politikorik gehiago egin ez dadin eskatzeko. Ez zuten oihurik egin, ez zuten ezer apurtu, ez zuten ezer nabarmenik egin, baina Ertzaintzak kanpora atera zituen. D3M legez kanpo utzi zutenean ehun mila lagunetik gora gelditu ziren Eusko Jaurlaritzan ordezkaritzarik gabe, baina epaituko dituztenak ez dira herritarrak ahotsik gabe utzi zituztenak. Epaituko dituztenak ahotsik gabe utzi zituztenak dira; proiektu politiko bat defendatzearren kartzelara eraman zituzten haiek. Eta hau guztiau okerrera doa. Laster amorrua, haserrea eta poza bera ere irentsi egin behar izango ditugu. Ez digute utziko kanpora ateratzen. Sare sozialetan halako edo holako protesta ekintzetara deitzea arriskutsua izango da, eta poliziaren aurrean esertzea delitutzat hartuko da. Aurpegia estalita, borrak eskuan, peloteroak kargatuta eta pistolak erabiltzeko prest dituztenen aurrean esertzea delitua da demokrazia deitzen duten sistema honetan. Ezin dugu inposatzen digutena baino bizimodu hoberik aukeratu. Gero eta delitu gehiago daude zigor kodean. Bitartean, Espainiako militarrek, berriro ere, Elgeta hartu dute. Sarraskia 2012-04-26 Erreaktoreak krak egin zuen, eta agintariak isildu egin ziren. Gertatzen ari zena isilean gordetzea erabaki zuten, alarma piztuz gero sor zitekeen egoera saihestu nahian edo. Inoiz ez dugu garbi jakingo zergatik ez zuten lehenengo momentutik guztia esan. Lehen egunean ehunka suhiltzaile gaixotu ziren, larri erreaktibitatearen eraginez. Handik kilometro batzuetara pinudi bat gorritu zen goizetik gauera, baina jendeak ez zeukan gertatzen ari zena esplikatzeko frogarik. Mila eta ehun kilometrotara, Suedian, zentral nuklear bateko langileen arropetan partikula erradiaktiboak agertu ziren. Arazoa lan egiten zuten zentralean zegoelakoan, egoera ikertzen hasi ziren, eta orduan jakin zuen munduak Txernobylek sua hartu zuela. 2.500 gradura iritsi omen zen erreaktorea. Inork ezer jakin zuenerako, milioika partikula kutsakor aireratu zituen Txernobylgo zentral nuklearrak. Gaur bete dira hogeita sei urte, eta oraindik beste hainbeste eta gehiago pasatu beharko dira erreaktorea hoztu arte. Txernobylgo umeak uda pasatzera gurera etortzen dira, aire garbia arnasteko beharra dutelako, eta harrezkero jaio diren belaunaldi berri guztiek daramate sarraskiaren arrastoa azalean, biriketan, odolean… eta, dakigun guztia jakinda ere, Garoña zabalik dago. Lekukoak 2012-04-27 «Ni ez naiz joaten», esan zidan. Gernikan hildakoen omenezko ekitaldiak aspalditik egiten dira, baina bera ez zen joaten. «Zertarako?», galdetu zidan. Bizitakoak kontatzeaz, gogoratzeaz, hitz egin nion. «Guk memorian daukagun guztia esango bagenu, zenbaitek larri behar lukete!», esan zidan. Ez zuen hizketan jarraitu nahi, baina igarri zidan erantzun hark ez zidala balio. «Gazteak dena jakin nahi du, baina gauza batzuk ez jakitea hobe da». Isilik begiratu nion, eta esan zidan omenaldien kontua zabaldu ahala irabazleen bandokoak ikusten zituela edonon, lehen ilaran. «Tristea da herrian egiten ziren ospakizunetan Francoren insignia hartuta aurretik joaten zirenak oroitzapen ekitaldietan ikustea. Nork erre zuen Gernika, bada?». Maite zuen alderdia ere utzi egin zuen: «karlistaz» beteta omen zegoen. Bazuen, guk ikusten ez genion lekuren batean, zama handi bat. «Ez fidatu zorri biztuez», esaten zigun. Asko ikusi zituen ezereztik burua atera, Francoren alde jarri, eta aberasten. Galtzaileen bandokoa zen bera. Memoria baino ez zitzaion geratzen, eta, zenbait balkoitan ikurrinak ikusten zituenean, iruditzen zitzaion irabazleek historia idazteaz gain izan zirenaren memoria ere ezabatu egin nahi izan ziotela. Hildako guztiak bandera bera defendatzearren hil balira bezala. Pena 2012-04-28 Guardiolak Bartzelona entrenatzeari utziko dio. Badoala esan du. Deitzeko gogoa izan dut une batez: «aizu, eta orain nik noren aitzakiaren ikusiko ditut futbolari buruzko programak?». Akabo dotorezia, akabo ganoraz hitz egitea, akabo glamour-a. Akabo. Futbola batez ere baina oro har telebista nola dauden ikusita, luxua da zapping egiten ari zarela Guardiola aurkitzea. Momentu batez triste jarri naiz. Futbolari bakanak bildu eta taldea egin du Guardiolak, probokazioetan erori gabe joko zelaian isildu ditu arerioak, berezko dotorezia agertu du edonon, taldea kudeatzen badakiela erakutsi digu eta etxekoei konfiantza osoa eman die. Ez naiz futbolzalea, baina bere izarren konstelazio hori gidatzeko izan duen gaitasuna nagusi askok behar lukete lantokian. Pertsonak kudeatzea zailagoa da zenbakiak eta kontabilitatea kudeatzea baino, eta askotan, gehienok, pertsonekin ari garenean huts egiten dugu. Pena eman dit albisteak, eta ez dakit oso ondo zergatik. Prentsaurrekoaren zati bat ikusi dut Begoñerekin: burusoiltzen ari da, baina aurpegi polita dauka. Agian, horregatik ematen digu pena: telebistan guapo bat gutxiago ikusiko dugulako. Edo ez. Benetan, tartean behin, oso gutxitan bada ere, futbola negozioa baino gehiago izan daitekeela transmititu izan didalako. Desberdinak 2012-04-29 Ez dakit zergatik den normala neskak mutilekin elkartzea. Esan nahi dut ez dudala oso ondo ulertzen zergatik den arraroa mutilak mutilekin eta neskak neskekin elkartzea. Dena klasifikatu behar dugu, gauza guztiei izena jarri behar diegu, bestela urduri jartzen gara: zu heterosexuala zara, zu bisexuala, zu homosexuala, zu gorria, zu horia… ezin dut jasan. Azkenean, kolektiboetan banatuta daukagu gizarte osoa: zaharrak zahar etxean, gazteak gaztetxean, homosexualak anbientean, heterosexualak nahi duten lekuan, amak parkean eta aitak futbola ikusten. Eta lesbiana talde batek Bilboko Santiago plazan elkarri muxu ematea erabakitzen badu, herritarrak asaldatu egiten dira. Ez direlako neskak, aizue, lesbiana zerriak omen direlako; baina Santiago plaza haiena ere bada, santuak berak hala nahi ez lukeen arren. Ni ez naiz lesbiana, edo bai, edo ez dakit zer pentsatu ere honezkero, baina animatzen ditut ezberdintzat ditugun guztiak kaleak hartzera, eta Bilbon lesbianei oldartu zitzaien gizon haren modukoak gera daitezela etxean, euren anbientean; hobeak baitira bakarrik egoteko elkarbizitzarako baino. Ken ditzagun etiketak; senti dezala bakoitzak nahi duena nahi duenarengatik, eta egin dezala bakoitzak ahal duena ahal duen lekuan. Langileak 2012-05-01 Oraingo langileek ez dute 1886an Chicagon hil zituztenekin zerikusirik. Oraingo langileek oporretarako etxea dute, auto handiak, trago luzeak edaten dituzte noiznahi, markako arropa janzten dute, ez dira grebara ateratzen diru gehiegi deskontatuko dietelako, manifestazioak bertan behera uzten dituzte eguraldi eskasa argudiatuta, haserretu egiten dira beste langile batzuk grebara atera direlako ezin badute zubia pasatzeko hegazkina hartu, jatetxe garestietara joaten dira. Ez dugu 1886an baino baldintza hobeetan lan egiten. Harrezkero irabazitako eskubideak galtzen ari gara krisiaren izenean; eta, hala ere, langile asko ez dira manifestaziora joango gaur: zubia egin dute, eta oporretara joan dira. Maiatzaren bata ez da abuztuaren hamabosta baino bereziagoa oraingo langileentzat: marka gorria baino ez da egutegian. Eskuinak irabazi egin digu: klase kontzientzia galdu egin dugu. Aberatsen eta enpresaburuen bizimoduak liluratu gaitu, ez gaude langile izateaz harro, gure gurasoak gizarajo langileegiak izan zirela iruditzen zaigu. Eta ez gara konturatzen geu zein leloak izan garen. Engainatu egin gaituzte: materialista hutsak gara. Zoriontsu izateko ez dira etxe bi behar. Egiten dugunarekin harro egotetik hasi behar genuke. Gora 2012-05-02 Gure aitona-amonentzat gora igotzea eskailerak edo aldapak igotzea zen. Igogailurik ezagutu ez zuten haientzat, igotzea ariketa neketsua baina sinplea zen. Bideak gora egiten zuen lekuan haiek ere gora egiten zuten, besterik gabe. Orain, ordea, igotzea bizitzako helburua da askorentzat. Inork ez du 25 urterekin tornugile sartu den fabrikan jarraitu 65 urterekin; are gutxiago, oraindik ere tornugilea izaterik. Jendeak gora egin nahi du: tornugile hasi, enkargatu jarraitu, sekzioko buru izan, eta ahal bada, atzetik datozenei bidea itxi egiten diete eurak heldu diren lekura irits ez daitezen. Anbiziorik ez duenari barre egiten diogu: bizitza guztian hor egongo zara? Ez gara konturatzen tornugileak buruko min gutxiago eta lagun gehiago izaten dituela sekzioko buruak baino. Baina hori ez da okerrena: okerrena da, gailurrerako bidea hasten dugunean, ez dugula guztiok norabide bera hartzen. Goia eta behea, goia eta behea dira. Baina batzuek goia okerreko lekuan ikusten dute. Edo, agian, neu izango naiz gailurra non dagoen ulertu ez duena. Kontua da batzuentzat Madril goian dagoela, eta, esan didatenez, hara joatea gora egitea da. Nik hilabete inguru daramat mapari bueltaka, eta, oraindik ere, Euskal Herriaren goian Ingalaterra ikusten dut. Adierazpena 2012-05-03 Prentsa askatasunaren eguna da gaur. Irakurri dudanez, 1994an izendatu zuten hala Nazio Batuek. Guk badakigu zer den goiz batean esnatu, eta egunero irakurtzen izan dugun egunkariaren egoitza poliziak itxi duela jakitea. Demokrazia eta askatasuna nork bere interesen arabera erabil ditzakeen seinale, bi aldiz gertatu zaigu. Eta horren berri ere ez dute kazetari guztiek berdin eman: batzuek justifikatu egin dute euren ofizioaren kontra halakoak egitea. Objektibotasunik ez dago: batzuek heriotza ikusten duten lekuan besteek hilketa ikusten dute, eta batzuek adierazpen askatasunaren kontrako ekintzak ikusten dituzten lekuan, besteek terrorismoaren kontrako operazioa. Bakoitzak sentitzen duena adierazten baitu. Goyak marraztu egin zituen 1808ko maiatzaren hiruan Madrilen izandako fusilatzeak. Hainbat hildakoren ondoan, momentuan hiltzera doazen erreboltaria ikusten da eskuak jasota, alkandora zuria paparrean zabalik duela. Indefentsio osoa erakusten du frantziar gizon armatuen aurrean. Gauez, farol txiki batean argitan, herritik urrun samar; fusilatze errazak izan zirela esaten digu Goyak. Herri zapalduaren kontra egindakoak. Eskuek idazten, marrazten, jotzen zein laztantzen dutenean, guk egoera baten aurrean sentitzen duguna baino ez dute adierazten. Dotore 2012-05-04 Ezin da kongresura alkandora hutsean joan; are gutxiago alkandorako mahukak gorantz tolestuta badauzkazu. Bizkaiko Batzar Nagusietan, mozorrotzat hartzen da inolako arrazoirik gabe epaitzen dituzten lagunen aldeko kamisetak eramatea. Herriko Tabernan gaizki begiratzen digute goretexik ez daramagunoi, eta goizero eskolara txandalarekin doazen irakasle bakarrak gimnasiakoak dira. Lanera begi zuloekin noan aldiro, badago norbait makillaje markaren bat gomendatzen didana. Ezkontzetara takoiekin doazen askok grazia egiten didate goizaldean ibili ezinik dabiltzanean, eta gorbata eraman beharraren eraman beharraz trajea izorratzen duten gizonez zer esan! Dotore egon behar dugu, beti. Goazen lekura goazela, asmatu egin behar dugu zelan joan; eta ez da erraza. Metro bat eta hirurogei neurtzen badituzu, eta berrogei tailatik gora bazaude, praka guztiak luzeegi gelditzen zaizkizu. Bularretakoan ehun neurrira iristen bazara, XL kamisetek ere arnasa mozten dizute, eta mitxelinak badituzu, ahaztu zure neurriko niki normalak aurkitzeaz. Dotore egotea gustatzen zait, bi aldiz pentsatzen dut ze arropa jantzi etxetik atera aurretik, baina zin dagizuet neurri jakin batetik gora nahikoa lan badela ispiluarekin bakean bizitzea saltzen dizkiguten estereotipo eta prendekin. Modernoak 2012-05-05 Nire lagun gehienek tangak erabiltzen dituzte, modernoagoa delako kuleroak baino. Esaten didate erosotasunagatik dela, eta barre egiten didate nik beti kuleroak erabiltzen ditudalako. Badago bat, medikuarengana joan behar duenean, kuleroak janzten dituena, eta beste batek, tanga kendu eta kuleroak janzten ditu lotara joateko. «Ea», esaten diot nik, «oherakoan, denok egon nahi izaten dugu eroso, eta oherako kuleroak janzten badituzu, nola sinetsiko dut erosotasunagatik erabiltzen duzula tanga?». Lagun bat daukat gauza modernoak erosteko obsesioa duena: arropak, altzariak, kotxea… denak izan behar du modernoa haren gustukoa izateko; nahiz eta gero orain dela 50 urteko ideiak defendatuko dituen zenbait gairi buruz ari denean. Gurasoei brometan esan nien behin umedun nengoela, eta amak penaz esan zidan ez dela uste duen bezain modernoa: aita zein den izan zen bururatu zitzaion lehen galdera. Modernoak izan behar dugu: eta zer da moderno izatea? Gauza berriak modan jarri nahi dituenak, ordura arte egondakoak apurtu egin behar ditu. Horregatik ateratzen naiz kulerorik ez tangarik gabe egun errebeldea daukadanean: iraultza txikiak barrutik kanpora egin behar direlako, jendeak bere modukoa zarela pentsatzen duen bitartean. Bizkargi 2012-05-06 Maiatzaren hiruaren hurrengo domekan izaten da. Urtero joaten gara Gorozikan gora, ogitartekoak eta logurea motxilan hartuta. Umetan eraman egiten gintuzten, baina, gero, bakarrik joaten ikasi genuen. Denborarekin ulertu genuen Burdinazko Gerrikoa zer zen, eta Bizkargin egiten den ospakizuna nor omentzeko eta nori eskertzeko den. Askotariko jendea igotzen da ermitaren inguruko zelaira, eta, ideia ezberdinak defendatzen ditugun arren, inori ez zaio gaizki iruditzen Espainiako militarren kontra altxatu zirenak omentzea. Badauka Bizkargik zerbait batu egiten gaituena. Iaz, beltzez jantzitako andra-gizonak izan genituen bisitari: norbaitek Bizkargiko egunari terrorismoa goraipatzeko asmoa ikusi ziolako. Hortzetaraino armatuta etorri ziren, autoz. Ez zuten Burdinazko Gerrikorik aurkitu, eta buelta egin zuten berriz ere beherantz. Edo, agian, aurkitu zutena burdina baino gogorragoa egingo zitzaien: zahar eta gazteak ospakizunetan, bertsolariak, meza, erromeria, jendea dantzan… lotsarik duenarentzat lotsagarria izan zen agertze hutsa. Gu aurten ere joango gara. Mendira urtean behin bakarrik joaten garenak kostata iritsiko gara, baina heldu helduko gara. Ez nuke bisitari arrarorik nahi. Historiarekin, izan zirenekin bat egin nahi nuke; uzten badigute, bake-bakean. Lehortea 2012-05-08 Asteburuan gauza asko gertatu zaizkizu, baina ez dakizu nola hitz bihurtu. Orri zuriaren dirdirak min egiten dizu begietan, baina zuritasun horrek zerbait esango balizu bezala zaude ordenagailuko pantailan begiak iltzatuta. Begiak ixten dituzun aldiro, pentsatzen duzu irekitzerakoan hor ikusiko duzula idatzi nahi duzuna. Orria mutu dago, eta eskuak geldi. Tekla bat zapaldu duzu, eta idatzitakoa ezabatu duzu; beste zerbait idatzi duzu, ezabatu duzu, beste bat, berriro ezabatu… Miguel Angelek esaten ei zuen marmolak esaten ziola zein eskultura egin: mailua eta zintzela hartu eta lanean hasten zen harriak nonbait idatzita zituen marrei jarraituz. Ia-ia errezatu egiten duzu zuri ere orri zuriak zerbait esan diezazun, baina goizaldeko seietan erdi mozkortuta zatozenean igogailuko ispiluak esaten dizuna esaten dizu orriak: niri ez begiratu, nik beste aldean dagoena baino ez dut erakusten. Bai, zeu zara zuri dagoena, ustez esateko ezer gabe. Hala ere, zeu zara idatzi egin behar duena, eta bertsotan egin behar duena astelehena izan arren. Eta justu gaur, inork ez dizu ganorazko konbertsaziorik eman. Planetak ez dira lerroan jarri, hitzek ez dute testu izan nahi, eta zeuk daukazu arazoa hor barruan: normalean letrak egoten diren lekuan gaur zulo bat daukazu. Sinpleak 2012-05-09 Nik pentsatzen nuen futbola gustatzen zitzaion jendea zela sinplea. Ezetz esan zidan. Arrazoiak azaldu zizkidanean isilik gelditu nintzen, eta hainbat buelta eman nizkion buruari. Lo gutxi egiteko aukera ematen zidan hurrengo goizean goizegi jaiki beharrak, eta, hala ere, burua martxan izan nuen izarapean esna eman nituen azken minutuetan. Futbola ulertzea zaila dela esan zidan, eta futbola bizitzeko asko ikasi beharra dagoela; futbolaz, noski, baina asko. Pilotaz, ordea, ez omen da gauza askorik jakin behar. Hala izango da seguruenetik: «gehienez ere bik jokatzen dute». Eman zizkidan azalpen gehiago ere, baina honetan konkretuki arrazoia eman nion: pilota partida bakarrarekin uler daiteke jokoa nola den. Arauak ez dira asko, eta egin beharrekoa sinplea da. Orduan konturatu nintzen futbolari buruz ez dakizkidan hainbat gauza daudela, eta egia da orain beste modu batera begiratzen diedala futbol zaleei. Zenbait jarrera justifika ezinak iruditzen zaizkit oraindik ere, baina litekeena da asteon Bilbo hartuko duen masa hori ez izatea nik uste bezain sinplea, edo bai; baina ez nuke garbi esaten asmatuko. Hala ere, gauza bat ulertu nuen lagunaren argudioen lerro artean: oso desberdina da futbol zalea izatea edo talde jakin baten zalea izatea. Ahaztuta 2012-05-10 Gaurko moduko egun batean aurkitu zituzten Gargelerako errepidean, Almerian. Auto barruan zeuden hiru lagunak, erreta. Guardia Zibilaren lehen bertsioaren arabera, etakideak ziren: hiru egun lehenago, Joakin Valenzuela jeneralaren kontrako atentatuan parte hartu zuten ekintzaileak. Izenak ere eman egin zituzten komunikabideek: Mazusta, Goienetxea eta Bereziartua. Baina, hildakoak beste batzuk izan ziren: Luis Montero Garcia, Luis Cobo Mier eta Juan Mañas Morales. Guardia Zibilak hil arte torturatu zituen; eta hil zituzten haiek hil nahi izan zituztenekin zerikusirik ez zutela ikusi zutenean, erre egin zituzten auto eta guzti. Horrela saiatu ziren tortura zantzuak gorpuetatik ezabatzen. Hiru gazte horien izenak biktimez ozenen hitz egiten duten kontakizunean falta dira, baina, seguru nago, egongo dela orduan egindakoa zergatik egin zuten ahaztu ez duenik. Hiru gazte hiltzea larria da, baina are larriagoa da hildakoak beste batzuk izan direla sinetsarazten saiatzea. Badirudi izen faltsuak eman zituztenentzat asko aldatuko zirela kontuak hildakoak Montero, Cobo eta Mañas izan beharrean, Mazusta, Goienetxea eta Bereziartua izan balira. Baina ez dakit larriagoa zer den: hiru errugabe hiltzea, ala erruduntzat jotzen dituzunek torturapean hiltzea merezi dutela pentsatzea. Aldartea 2012-05-11 Mezu bat bota diot goizean goiz. Banekien Bukarestera joana zela, eta pentsatu dut triste samar egongo dela. Lanerako buelta gogorregia egin ez dakion bota diot mezua. Ez dit batere ondo erantzun, eta izugarri haserretu naiz. Hainbeste maite nauela jakinda, ez dakit nola pentsatu duen bera triste egotearekin poztu naizela. Barruraino sartu zait erantzun hori eman izana, eta i bakoitzari bere puntua jartzea erabaki dut. Erreakzionatu egin du, eta bere modura, barkamena eskatu dit: asko maite nauela eta ez haserretzeko, ondo pasatu duela… Badakit Athleticzaleentzat egun konplikatua izan zela atzokoa, baina errua ez da nirea. Asteazkenean euforia izugarriarekin zebilen jendea Bilbon, eta nik astearteko gorputz berbera nuen. Seria naizela esan zidaten: nor eta ni seria? Bada, bai; ez nengoelako pletoriko. Atzo, ostera, beste guztiak baino pozago nengoen, baina ez nengoen asteazkenean baino pozago. Berdin dio: besteen minari barre egiten ari nintzela esan zidaten. Ez dakit seinale ona edo txarra den, baina eguaztenean eta eguenean antzera jaiki nintzen: neure betiko poz, ardura, min eta motibazioekin. Barka nazazue, partidak ez dit aldartean eragin; baina ez dut inor izorratzearren egin. Halakoak entzungo nituela jakinda, disimulatu egingo nuen. Lehendakaria 2012-05-12 Alderdi politikoak lehendakari egokia izango litzatekeenaren bila dabiltza. Bateragune auziaren epaia berretsi ondoren, norbaitek esan zuen Arnaldo Otegi ez dela lehendakarigaia izango. Pozik ematen zuen. Litekeena da Otegi izatea Ezker Abertzalearen lehendakarigaia, edo ez. Nik ez dakit zein den Ezker Abertzalearen hautagaia, eta are gutxiago, koalizio kide dituenek postu horretan nor nahi duten. Gauzak ez dira horren errazak politikan; edo bai. Agian, gauzak kanpotik ematen duena baino sinpleagoak izateak egiten du politika ulergaitz. Kontua da nik ez dudala Otegi lehendakari izaterik nahi. Pentsatzen dut Otegi garai garrantzitsu baten ordezkaria izan dela gure herrian, eta daukan meritu guztia onartzen diot; baita gehiago ere. Dena den, lehendakari freskoagoa nahi nuke, berriagoa, gazteagoa, politikan ibili gabeagoa, eta ahal bada, zergatik ez, emea. Badakit nire gustuak ez direla garrantzitsuak lehendakaria aurkezteko afera honetan. Hemen arazoa da Otegik eskubidea baduela lehendakarigaia izateko eta demokratek ez diotela uzten. Hobe dute, baina, ez harrotzea hainbeste: herri honek hartu duen bidea ikusita, gauza jakina da errazago izango dela Otegi berriro lehendakarigai izatea, Basagoiti edo Lopez dibortziatu berriak lehendakari baino. Etxeko lanak 2012-05-13 Badaramate denbora bat elkarrekin bizitzen, baina mutilak ez ditu etxeko lanak egin nahi. Ez da hori larriena: mutilaren kuadrillako beste mutilen emazteek argi dute ez dituztela beren gizonak fregona pasatzen ikusi nahi. Behin ikusi omen zuten aurrez aurreko balkoian bizi den gizona fregonarekin, eta ez omen zitzaien batere gustatu argazkia. Ez lukete beren senarra horrela ikusi nahi. Gure lagunak negar egiten zuen hasieran: XX. mendean jaio eta hau dena aguantatu behar al dut? Kalkuluak atera zituen. Urte guztian etxea garbituko dien pertsona bat kontratatzeak zenbat balioko lukeen kalkulatu zuen, eta, erdibana eginda, bakoitzak zenbat diru ipini beharko zuen jakin zuen horrela. Berak egiten ditu etxeko lan asko, baina mutilari bere erdia kobratu egiten dio. Lasaiago omen dago orain. Ez da konponbide txarra. Azken batean, izan daiteke hori modu bat, zure ondokoak etxeko lanak egitea zein gogaikarria eta nekea den jakiteko. Ez dakit garbi zer adieraz daitekeen horrela, baina buelta asko eman dizkiot joan deneko gauetan. Pentsa gure amamek edo amek aitonei eta aitei etxeko lanak egitearren kobratu izan baliete. Amamek ez zuten menpekotasun ekonomiko larririk izango, eta aitonak konturatuko ziren, eurek edonora dotore joan zitezen lan asko egin behar zela. San Isidro 2012-05-15 San Isidro baserritarren patroia dela irakatsi ziguten. Andoni abadeak kontatzen zigun nola ari zen santua soroan beharrean jo eta ke mezetarako ordua iritsi zitzaionean. Kostata, baina elizara joatea erabaki zuen, eta bueltan etorri zenean soroa goldatuta aurkitu zuen. Askotan gogoratzen naiz Isidroz, baina ez dut ezagutzen mezetan egon den denboran aingeruek lurra goldatu dioten beste inor; nahiz eta gure inguruko zaharrak urtero joaten ziren mezetara gaurko egunez. Gaur, baina, ospatzeko ere apenas duten ezer baserritarrek. Gero eta lur gutxiago lantzen da. Belarra erregalatu egiten dute askok, eta, hala ere, inork ez du behar; gero eta ganadu gutxiago baitago kortetan. Urtetik urtera, gero eta gehiago dira moztutako belarra erre egiten dutenak, eta ez naiz marihuanaz ari, sekula belarra eta alpapa moztu eta bertan erretzeari buruz baizik. Lurra baduenak ez du lurrak ematen dionetik bizi nahi, eta dendan erosteaz nazkatu denak ez du lantzeko lurrik. Bitartean, baserritarrei hitz politak esan, eta hiltegiak ixten ari dira instituzioak. Lehen ortua zuena autosufizientea zen. Gaur diru laguntzen menpe bizitzera behartu nahi dute. Edo gure politikariak lehen sektoreari heltzen diote, edo Isidroren aingeruei deitu beharko diegu gure paisaia sasiak har ez dezan. Denborak 2012-05-16 Lobak ikuskizunean parte hartu behar nuela-eta sarrerak atera nizkien gurasoei, izeko Pili eta osaba Moisesi eta amaren barikuetako lagun Karmen eta Bedari. Pozik egon ziren seiak Gernikako bonbardaketan egondakoen ilobek antolatutako ikuskizunaren ostean: asko gustatu zitzaien. Dena ez zuten berdin gozatu, baina ez galtzeko modukoa izan zela esan zidaten. Audiencek Astrako bunkerrean grabatutako bideoarekin, ordea, zalantzan ikusi nuen ama. Ez zitzaion asko gustatu letrarik gabeko kantu hura. Bunkerreko iluntasunean ahots urratu bi oihuka entzuteak ez zuen hunkitu, edo lehen bezala gelditu zen entzun eta gero, edo azaltzen ez zekien sentipena zuen. Barre egin nion. Hogeita bost urte lehenago Santanape frontoira joan ginen hiru ahizpok gurasoekin. Mikel Laboa zuzenean ikusi nuen lehen aldia izan zen, eta Lobak ikuskizunean Audiencekoen ahotik entzun genuen kantua nola kantatzen zuen entzun genuen; izan ere, Gernika da kantuaren izena. Orduan entzun genuena zoragarria iruditu zitzaien gure gurasoei, edo hori da gordeta daukadan sentipena: gu izugarri aspertu ginela, eta haiek gogor txalo egin zutela. Orain, alderantziz izan da: ama ez da konbentzituta atera, baina niri itzela iruditu zitzaidan. Bakoitzak bere sasoian bere sasoikoa, bota zidan amak. Gaixotasuna 2012-05-17 Harrigarria da zenbat kausak daukaten euren eguna: tabakoaren kontrako eguna, ama hizkuntzen eguna, amaren eta aitaren eguna, autorik gabeko eguna… gaur homolestransfobiaren kontrako eguna da. Lotsagarria da XXI. mendean aukera sexuala defendatzen ibili behar izatea. Grezia klasikoan, Jesukristo gurutziltzatu baino urte dezente lehenago, normala omen zen gizonak gizonekin eta emakumeak emakumeekin ibiltzea. Gero etxean elkartu egiten ziren eta familiak sortzen zituzten, baina nonbait irakurria dut etxetik kanpo bakoitzak antolatzen zuela bere bizitza gehien gustatzen zitzaion moduan. Ni ez nintzen han egon, noski, baina ez litzateke bizimodu txarra. Izurde eta koalek harreman sexualak izaten dituzte sexu berekoekin, eta ez dut uste homo edo hetereo diren pentsatzen loa galtzen dutenik. Eta hemen etorri gara gu, modernoak, hirugarren mundura askatasuna eramaten ari garenok, eta asmatu dugu eguna: homolestransfobiaren kontrako eguna. Hogeita bi urte baino ez dira homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kendu zutela. Ez ehun ez berrogei: hogeita bi. Zenbat urte pasako ote dira gaurko eguna egutegitik kentzen dugunera arte? Batek daki. Baina benetan gaixorik daudenak eurena ez den sexu aukera ororen kontra daudenak dira. Eroak 2012-05-18 Espainiako Barne ministroak ez du ETArekin hitz egin nahi. Gatazka konpontzeko inoiz izan duten aukerarik onena dute, eta ez dute baliatu nahi: espainiar hauek erotuta daude. Edo ez. Aurten 520 urte beteko dira gaur egun Amerika esaten diogun kontinentera iritsi zirenetik, eta 1898an Kuba eta Filipinak galdu arte, Espainiako errege-erreginak majo loditu ziren indietan ostutakoarekin. Hasieran indigenak menperatuta izan zituzten guztiz, baina urteen poderioz, eta injustizia jasan ezinaren jasan ezinaz, indigenak altxatzen hasi ziren. Espainiarrek ezin izan zuten halakorik jasan, eta euren nagusitasuna erakutsi zieten. Gaur beteko dira 221 urte Tupac Amaru II.a hil zutela. Lehenengo, torturatu egin zuten; gero, bere emaztea eta seme biak nola torturatu eta hiltzen zituzten ikustera derrigortu zuten, eta, azkenean, lau zatitan apurtzen ahalegindu ziren gorputzaren adar bakoitza zaldi bati lotuz. Ez dakit mirariz, edo zientifikoki azaldu daitekeen azalpenen baten ondorioz, baina Tupac Amaru II.aren larruak osorik eutsi zion sakrifizioari. Burua moztu zioten orduan; eta lantza baten puntan ipinita erakutsi zuten, inori bere eskubideak aldarrikatzerik bururatuko balitzaio ere. Espainiar hauek orduko haien ondorengoak dira. Kristorena 2012-05-19 Orain dela hogeita hamahiru urte, gaurko egunez, Balentin Enbeitak negar egin zuen. Negar egin zuen, etxeko hirugarren iloba jaio zitzaiolako eta neska zelako. Aurrekoetxeko Mariarengana joan omen zen eta «gurean orain ere urrixa jaio da», esan omen zion (Bizkaieraz urrixa animalia emea izatean da). Etxeko semearen emaztea hirugarrenez erditu zen, eta Balentinek espero zuenaren kontra, hirugarrena ere aurreko bien moduan, alaba izan zen. Hori da behintzat, ikusi zutenek kontatzen zutena. Honezkero, zoritxarrez, ez daude ez negar egin zuena ez negarrez ikusi zutenak, baina neska txiki hark gaur hogeita hamahiru urte bete ditu: aitona negarrez ipini zuen jaio berri hura, neu naiz. Eta ze pozik nagoen alaba izateaz, inoiz lekutik atera nauten ahizpa zoragarri bi izateaz, ze bizirik sentiarazten nauten aldaketa hormonalek, ze maitagarria edo ze lehorra izan naitekeen egunaren arabera, ze pozik entzuten dudan «zu beti dotore» esaldia, ze urrun ikusten dudan oraindik ama izateko aukera, zenbat maite izan nuen behinola negar egin zuen gizon zahar hura eta ze poza hartuko lukeen gaur naizen neska hau ikusiko balu. Gaur Kristoren adinera heldu naiz, baina Maria Madalena bezain eder sentitzen naiz. Bizitza, bere negar eta guzti, zoragarria da. Txinatarrak 2012-05-20 Egia da asko direla euren herrian eta asko mundu guztian. Eta normala izango da asko izatea Bilboko alkateak dioena egia bada. Txinatarrek dendetan jaten omen dute, bertan lo egin eta bartan larrutan ere. Gaztelania garbian, procrear hitza erabili du Azkunak. Domeketan dendak zabaltzeko aitzakia ezin hobea eman diote txinatarrek: gure dendariek espabilatu egin behar dute, txinatarrek igandeetan ireki egiten dute-eta. Ireki behar, aizue: jan, lan, larrutan… dena leku berean egiten badute, lantzean-lantzean haizeari sartzen utzi beharko diote lonjetara. Jatetxe txinatarren gaineko mitoak ere asko dira: katuak eta arratoiak prestatzen dituztela eta abar. Beti jan dut gustura jatetxe txinatarretan, eta ez dakit zer pentsatu: edo arratoiaren okela gustatu egiten zait, edo jendeak edozer esaten du. Baina orain inoiz baino gehiago estutu naiz gai honekin. Azkunak dio berak ez omen dakiela txinatarrak non hiltzen diren. Horrela esanda, minik egiteko intentzio barik esandako esaldia da, baina esandako guztiak kontuan hartuta, larria da agian esan nahi zuena. Azken batean, jan, lo eta beste guztia dendetan egiten badute, baina non hiltzen diren ez badakigu, zer esan nahi du Bilboko alkateak? Jatetxe txinatarretan txinatarren okela jaten dugula? Alkatea 2012-05-22 Demokrazian biziko bagina, kargu politikoak ez genituzke hain gaizki ikusiko; edozein herritarri tokatu dakiokeen zerbait izango litzateke alkate izatea, adibidez. Guztiok sinetsiko bagenu instituzioak herriarenak direla, guztiok gobernatuko genuke desberdin gure txanda heltzean, baina jakingo genuke herriaren interesak gureen gainetik jartzen. Ez hori bakarrik, boterea guztiona dela ulertuko bagenu, ez genuke onartuko hiruk edo lauk eurentzat gordetzerik eta herritarren bizimoduan nahi duten moduan eragiterik. Gure alboko herrian, Errigoitin, herritarrak tontotzat hartzen dituen alkatea dago. Badira hamahiru urte alkatetza hartu zuela, eta, dagoneko, behin baino gehiagotan esan du herria berea dela. Eta nola herria berea den, berak erabakitzen du nor eta non bizi den Errigoitin. Hauteskundeak ere horrela irabazi zituen iazko maiatzean: ez dauden etxeetan jendea erroldatuz. Osoko bilkuretarako entzule kopurua ere mugatu egin du, non eta Errigoitin! Baina agian hori izango da gaitz txikiena, legeak agintzen dituen gutxieneko osoko bilkurak justu-justu antolatzen ditu eta. Epailearen aurrean ere ez da kokiltzen, ez da lotsatzen. Zer esango dio, bada, epaile batek? Aspaldi esan zigun bera dela alkatea, eta bera dela legea. Harrapazank! Txapelketak 2012-05-23 Urduri egon dira. Doinuz erratu dira batzuk, eta berriro hasterakoan arineketan kantatu dute erritmoari eutsi ezinik. Mikrofonotik ihes egin du baten batek, eta handik minutu batzuetara itzuli da bertso ederra botatzeko. Lehenengoak kantatu duenean, beste guztiak urduriago jarri dira. Burmuina nola estutzen zuten errez-errez igarri dut urrunetik, neuk ere sasoi batean halaxe estutzen nuelako. Errimen papera eman didatenean konturatu naiz eskuak izerditan dituztela: paper gehienak umel-umel zeuden. Kantatu gabe geratu dira batzuk. Gurasoekin bertso saioetan ikusten ditudan batzuk egon dira. Beste batzuek harritu egin naute, mikrofonoaren aurrean duten patxada ikusita. Nahi nuke neuk ere! Orain dela urte batzuk, asko gutxi gorabehera, neu ere estu egoten nintzen: izerditan, urduri, bertsoa noiz buruan sartuko kantura ateratzeko. Orain, honezkero edozein parte hartzaileren ama izateko moduan nagoenean, pentsatzen dut egon behar duela beste formularen batek. Neuri ez zait okurritzen, eta esatea erraza da, noski; baina txapelketak beste modu batera egiterik ez ote dago? Sekulako harrobia daukagu, neska-mutilek jatortasun, jenialitate eta gaitasun lezioa ematen digute urtero, eta eskuak izerdi hotzez blaitu gabe mikrofonora atera daitezen lortu behar genuke. Jakintza 2012-05-24 Nik ez diot inoiz mediku bati eztabaidatu minbizia sendatzeko bideen inguruan, eta arkitekto bati ez nintzaioke inoiz hasiko azalpenak ematen etxe bat egitera doanean. Ez dakit zelan defendatzen den kasu bat epaitegian eta dendariari erosi egiten diot nola saldu behar duen azaldu gabe. Filologoekin hizkuntzaz eztabaidatzea zaila da, eta zientzietan ezjakin hutsa naiz. Baina nik kazetaritza ikasi nuen, eta asko ez bada ere, zerbait badakit komunikazioaz, artikuluak idazteaz… Jakintza arlo zabala da, ordea: medikuek, arkitektuek, abokatuek, dendariek, filologoek, kimikariek eta apaizek ere asko dakite komunikazioaz. Erreza omen da. Iritzi artikuluak, esate baterako, edonork idatz ditzake. Hori da esaten didatena, zenbait ezagunek pentsatzen dutena, gizarte erdiak uste duena: edonork aurkez dezake informatiboa ondo. Makina bat eztabaidatu dut nik uste ustel horietaz: halakoxe perlak irakurtzen baititut ustez oso ondo idazten dutenek argitaratuta. Inork ez dit jaramonik egiten, ordea; Leioako campusean kafeteritza deitzen zioten gure karrera errazegi horri. Hala ere, akaso, hainbeste kritikatzen diren komunikabideak horren txarrak izatearen arrazoietako bat horixe izango da: ustez denok dakigula komunikazioaz, baina ustez bakarrik. Balioaz 2012-05-25 Udan ikastaro bat egingo dugula kontatu diogu, eta barre egin du. Lehenengo esan digu aukeratu dugun gaiak ez digula ezertarako balio. Berriro ere betiko eztabaida izan dugu: zer eta zertarako ikasi. Badira curriculumari begira bizi direnak. Ikasketa prozesua bizitzari lotu ordez, karrera bati lotzen diote, eta horri buruzko gauzak bakarrik ikasten dituzte. Ondo dago; baina nik nahiago dut curriculumerako balio ez didaten gauzak ere ikastea. Agian ez dago ia guztiz kontrolatzen dudan gairik, baina ispiluaren aurrean ikusten dudan neska horrek egunero ikusten dituen hainbat gauzarentzako erantzunak behar ditu. Bizitza arlo askok osatzen dute, eta horietako bat bakarrik da gure karrera. Besteak asko izan daitezke pertsonaren arabera: lana, maitasuna, oporrak, irakurtzea, bidaiak, familia, dirua, kirola, musika, etxea, sexua… eta hori guztia sakonago, beteago bizi nahiak eskoletan ikasi ez dudana ikastera eramaten naute egunero-egunero. Nekazaritza eta ekologia dira, barre egin didanaren ustez, nire azken kapritxoak. Niretzat orain arte modu jakin batean bizi izan ditudan etxea, ingurua eta herria beste modu batean bizitzen ikasteko bidea dira. Zertarako balioko didan? Balkoiko atea zabaltzen dudanean aurrean dudana neureago sentitzeko. Zentzua 2012-05-26 Guztiak batera kontrolatzea zaila zitzaienez, sakabanatu egin zituzten: Galizia, Cadiz, Alacant, Asturias, Zaragoza, Logroño, Almeria, Murtzia, Avila, Badajoz, Salamanca, Huelva… eta guk kilometroak pilatzeari ekin genion. Guztiok eta bisita guztiak zenbatuta egin ditugun minutu guztiak kontatuta ere, ez ginateke egin ditugun kilometroen erdira iritsiko. Kartzela-turismoa asmatu dugu geure buruari barre egiteko, baina negarretik hurbilago egon gara elurrak eta behe lainoak paisaia lausotu digutenean. Jende zoragarria ezagutu dugu bidaietan, eta bidean izandako istripuetan hainbat lagun hil zaizkigu. Urteak dira joan-etorrietan hasi ginela, eta, batzuek iazko urriaren hogeian argia ikusi bazuten ere, aurten ere munduari bira emateko beste kilometro batu ditugu. Espainiako Gobernuak erotu egingo gaitu. Lehenengo esan zuen ez duela ETArekin negoziatuko, eta presoen irtenbidea barkamena eskatzea dela. Orain esan dute egoera berrian sakabanaketak ez duela zentzurik. Ederto, ministro jauna, pozten naiz konturatu bazara; baina jakin ezazu guretzat sakabanaketak ez duela inoiz zentzurik izan. Sufrimenduaren gainetik berdin-berdin eutsi diegu gureei, eta distantziak haiekin ditugun lotura sentimentalak indartzeko baino ez du balio izan. Zaila 2012-05-27 Ez zaio buruan sartzen agertokira igotzera ausartzen den neska batek halako konplexuak izan ditzakeenik. Saiatu naiz azaltzen, normalean ez nautela mugatzen, baina jendeak noizbait egindako zenbait komentario hor barruan iltzatuta ditudala. Horraino buruarekin baiezkoa egin dit, baina hortik aurrera, psikologoek erabiltzen duten hitz ponpoxo bat esan dit. Ez dakit zer den zehazki esan nahi duena, baina lagunaren arabera da, bizitzak beldurrak gainditzeko armak ematen dizkizunean, beldur horiek edo konplexu horiek gainditzea. Ez dago gaizki esana. Esan diot badakidala bizitzak eman dizkidala konplexuak gainditzeko behar adina bide: jende zoragarria ezagutu dut, gehien gustatzen zaidana egitearren ordaindu egiten didate, bertsolaria naiz, bidaiak egin ditut eta egiteko asmoa dut… gizarteak ezarri nahi izan dizkidan praketan ez kabitzea ez da arazoa izan nahi ditudan gauzak egiteko. Hala ere, min handia egin dizuten egoerak eta hitzak hor daude, eta bizitzan dena denez ziklikoa, tarteka, mamuak esnatu egiten dira. «Horregatik izan zara hain bordea berarekin?», galdetu dit. Bai, tristea da, baina behin hondoratu egin ninduen, eta orain mendeku antzerakoa egiten diot. Zer egingo diogu, denok daukagu gustatzen ez zaigun alderdiren bat. Zergatia 2012-05-29 Nonbait entzun nuenez, kopa irabaziz gero, Athleticek maiatzaren 27an atera nahi zuen gabarra, eta, orduan, Ibilaldiaren data aldatu egin zuten. Ez dago ezer talde zuri-gorriari gerizperik egingo dionik Gernikako Arbolaren eta BBKren lurraldean. Finaletarako bakarrik zaletu diren futbolzaleak baretuta daudenez, gertaerak hausnartu nahi nituzke ezer ez dudala ulertu aurpegiratu didatenekin. Jokalariek sekulako denboraldia egin dute: haien aurrean txapela kentzea baino ez zait gelditzen. Baina jokalarien aldean asko aberastu dira Bukarestera eta Madrilera joateko kreditu bereziak eman zituztenak. Kreditua ordaindu behar dutenen krisiak, ostera, lehengoan dirau. Gainera, nahiz eta tituluak usaindu ere ez dituzten egin, ez diete bueltatuko xahututako dirurik. Pantaila erraldoietan, oihaletan, musika ekipoetan… gastatu denak ez dirudi zale berririk erakarri duenik: datorren urtean Athletic ondo ez badoa, ea zenbat balkoitan dagoen bandera zuri-gorria. Eztabaidatu dut, denetarik esan didate, bideoak bidali dizkidate postaz, baina oraindik ere pentsatzen dut probintzia osoa paralizatze hau Ibaiganetik urrun diseinatu dutela. Zergatik aprobetxatu zuten bestela Europako Ligako finaleko eguna Bateraguneren auziaren sententzia argitaratzeko? Harremanak 2012-05-30 Gauza kurioso bat dauka, nire kuadrillan behintzat, bikotekiderik ez izateak: bikotekidea duten lagun guztiek kontatzen didate ze ondo bizi ziren bikotekiderik ez zutenean. Nik entzun egiten diet begiak garagardotik jaso gabe. Ezer esan orduko esaten didate ez dudala ulertzen esan nahi dutena, eta eusten saiatu arren, azkenean, beti ematen diet ulertzera gauza bera: «Hain gaizki bazaude bikotekidearekin, utzi. Inork ez zaitu derrigortzen harekin egotera!». Orduan, haien bizitza barik, nirea bihurtzen da hizketa gai: ni harroegia naiz inor jasateko, nobioek ere esaten diete ez dutela ulertzen nik bikotekiderik ez izatea, agian ni izango naiz okerrena bikotekidea dudanean… Isilik nagoenean ze polita naizen ohartzen naiz, eta neure bakardade lasaian ohera noanean zin egiten diot neure buruari ez naizela berriro eztabaida horretan jausiko; haien ohea nirea baino epelago egongo baita, ziurrenez. Baina hurrengoan ere nazkatu arte entzuten dut mutilak zein berekoiak eta arraroak diren. Batzuetan, garagardoak baino buruko min handiagoa egiten didate lagunek. Hala ere, badakit nire egoera ez dela haiena baino hobea, ezta haiena nirea baino hobea ere. Kontua da ni lasai nagoela, baina, antza, bikotekidea duten zenbait lagunek sinatu egin dute nonbait ezin dutela lehen bezain libre eta zoriontsu izan. Txikiak 2012-05-31 Herri handietan bizi direnentzat herri txikiak asteburua pasatzeko leku ederrak dira. Bertan jaio ginenok, ostera, edozein gauza behar dugun aldiro, alboko herrira joan behar dugu autoan; baita gutun zertifikatuen bila ere postaria etorri denean ez bagara etxean egon. Trenbide pasaerak beste guztienak egin eta gero egiten dizkigute, farmazia egun batzuetan bakarrik irekitzen dute, medikuak ordutegi estua du, herri askotan ez dago eskolarik, ogia non erosi ez daukagu, eta, orain, BBK-k Bizkaiko herri txikietako bulegoak itxi nahi ditu. Hesiz inguratutako txaletak eraikitzea modan jarri zenetik hona, han etorri zitzaizkigu ez dakit zenbat bizilagun berri. Gehienek lo bakarrik egiten dute gure ondoan eraiki dituzten etxeetan, baina guk, lo baino gehiago egin nahi dugu herrian. Lagun bat etorri zen gure etxea ikustera, eta «hemen lo ondo egingo da, bada», esan zidan. Jakina! Eta lorik egin ezin dugunean hementxe egiten dugu larrutan, edo irakurri, edo telebista ikusi. Eta esna gaudenean, ze herrian esna ere ibil daiteke, gure umeek bertan olgetan egiten dute, bertan mozkortzen gara, bertan bizi gara eta beste guztien moduan zergak ordaintzen ditugu. Horregatik pentsatzen dut, maila apalagoan bada ere, beste guztiek dituzten zerbitzuak izatea merezi dugula. Gizon bat 2012-06-01 Aretoa beteta zegoen. Halakoetan ohikoa bada ere, agertokian ez zegoen musikarik edo antzerkirik edo dantzarik. Gizon bat bakarrik; idatzi duen azken liburuko testuak biltzen dituzten folioak eskuan hartuta; zain. Ikusleak aretoan sartu orduko, agertokian zegoen. Ez zuen txaloz betetako sarrerarik egin, baina amaieran, jendeak zutik txalo egin zion. Hasi zen liburuko zatiak irakurtzen, eta guztiak irakurrita izan arren, hara barruraino heldu zitzaizkigun. Maiengandik ikasi du egunen seme-alabak garela pertsonak, eta ez du sinetsi nahi atomoz osatuta gaudenik: txoritxo batek esan dio istorioz osatuta gaudela. Eta bere azken liburuan istorio bat idatzi du egun bakoitzerako. Urtarrilaren batetik hasi, eta abenduaren hogeita hamaikara arte biziko ditugu historiak ahaztutako izenen istorioak Eduardo Galeanoren azken liburuan. Azaldu ez zizkiguten arazo teknikoak zirela medio, ezin izan zen liburuak sinatzera gelditu. Arnasa lasai hartu nuen, ez bainuen libururik eraman. Gehienak kolorez azpimarratuta dauzkat eta lotsa handia emango lidake berak igartzeak, baina maiteminduta nago Galeanorekin. Esan nahi nituzkeen gauzak esaten ditu esan nahiko nituzkeen moduan: doinu lasaian, injustiziari drama kendu nahiko balio bezala. Ezinezkoa dirudi, baina modu magiko batean, berak lortu egiten du. Gabardina 2012-06-02 Fusilatu zuten egunean soinean omen zeraman. Eskurik esku, ondo gordetako armairuetan egon ondoren, familiaren eskuetara itzuli zen orain urte batzuk. Lehenago, berrogei urte luzez Txaber Erraztik gorde zuen, «besterik gabe». Bazekien etxean gordetzen zuena gabardina bat baino askoz gehiago zela. Ez halako material bereziz egindakoa zelako, behinola Lauaxetaren gorputz gaztea bildu zuelako baino. Ez zen seme-alabez fidatzen, Estepan Urkiaga ez zutenez ezagutu, eta beldur zen Txaber ea gabardina hura, Euskal Herriarekiko maitasunaren historia gordetzen duen pieza hura, gabardina sinpletzat hartuko zuten. Azkenean, izan zuen aukera Lauaxeta gehien maite izan zutenei itzultzeko, eta ez zaio inoiz ahaztuko haren arrebak gabardina esku artean izan zuenean nola negar egin zuen. Baina berak «besterik gabe» gorde zuen. Eta pentsatzen hasi naiz gure aitona-amonek zenbat gauza egin zituzten egin behar zituztela sentitzen zutelako. Garrantzirik eman gabe, inork omenaldirik egingo dienik pentsatu gabe. Eta gero etorri ginen gu; gabardina hori eskuan izan bagenu bigarren egunerako kontatu egingo genukeenak eta txalo artean harro luzituko genukeenak; ez egiteko esan zigun arren Gabriel Arestiri bere izeneko kaleak eraiki genizkionak ilusioa egingo liokeelakoan. Gutuna 2012-06-03 Remitean izen-abizenak jarri dizkit, baina ez dakit nork idatzi didan gutuna; ez diot aurpegirik jartzen. Bere amak Amuriza irakurtzen omen zuen Eginen, eta berak BERRIAn Zaldieroa eta ni neu. Harriduraz irakurri dut kaligrafia garbian, bizkaiera dotorean, idatzitako berba bakoitza. Hunkitu egin naiz. Zerrendan nor dagoen begiratu ere egin gabe, beti berdinei edo antzekoei ematen omen die botoa, eta orain Madrilera joan behar dudala jakin du. Ez dirudi sorpresak larritu egin duenik, bere berbetan poza eta animoak eskaintzen dizkit. Ezin dut gehiago eskatu. Idazten duenak ez du inor konbentzitu nahi, irakur dezaten gura eta behar du. Baina nik ezingo diot eskatzen didana bete. Erdi behartuta, erdi gogoz, abentura berrien bila abiatzeko gogoa dudalako, herri honekiko konpromisoa badudalako edo sinple eta laburrago, erabaki bat hartu dudalako, txoko hau beste bati utziko diot. Madrilera noa. Askorentzat hain emeak izan diren gaiok hartu, eta arrek agintzen duten urruneko leku horretan astinduko ditut indartsu. Ez ditut hona ekarriko, aldi batez behintzat, lotsak, beldurrak, maitasunak, Corte Inglesa, gizonak, andreak, printzeak eta printzesa frustratuak. Baina nirekin daude, jaso ditudan kritika guztiekin batera. Muxu handi bana! Plazetan elkartuko gara.
AURKIBIDEA Hitzaurrea Tsunamietatik interesatzen zaiguna [2004/12/30] Beteranoa eta hasiberria [2005/03/17] Dortoken oroimena [2005/04/14] Apalategiak [2005/07/28] Lo-suyo [2005/11/24] Politikoki zuzenak (I) [2005/12/29] Politikoki zuzenak (eta II) [2006/01/05] Ozeanoan [2006/04/06] Marlaska eta ezjakintasuna [2006/06/29] Trukea [2006/09/29] Ze egun da gaur [2006/11/09] Kakati [2007/02/01] Parke tematikoa [2007/03/29] Life is a dream [2007/04/05] Bidea aukeratzea [2007/04/19] Hotzikara [2007/04/19] Xanpaina [2008/01/17] Galduta [2008/01/24] Koltxoia [2008/01/31] Ziber-atxiloketak [2008/06/07] Sistema berria [2008/10/23] Izarrak eta arroz aleak [2008/12/18] Ito(r)kinak [2009/01/29] Co-rrien-do [2009/04/02] Trauma [2009/06/11] Urtebetetze festa [2009/10/01] Meloiak [2009/11/02] Piratak [2009/11/26] Argiak [2009/12/10] Orgia [2009/12/17] Antinaturala [2010/01/21] Informalak [2010/02/11] Zalantzak [2010/04/08] Egile eskubideez [2010/04/29] Laguntza [2010/05/27] Apokalipsia [2010/06/17] Egia [2010/09/23] Argia eta oroimena [2010/10/21] Julian eta biok [2010/12/02] Felixen deia [2010/12/09] PP Euskaltzaindian (I) [2010/12/23] 50.000 [2011/04/28] Spanish Culinary Center [2011/10/06] Becquer Iñakirentzat [2011/10/13] Egiaztapen bat [2011/12/01] Diru-laguntzak [2011/12/22] Metamorfosia [2012/01/26] Omenaldia [2012/03/22] Ospakizunak [2012/05/10] Argi urdinak [2012/10/04] Banaketa [2012/11/15] Ahalera [2012/12/27] Hamar urte eta egun bat [2013/02/21] Ai ene! [2013/02/28] Korrika egitea eta korritzea [2013/03/14] Inbentariorako [2013/03/28] Ekonomia klaseak [2013/04/04] Silogismoak [2013/04/11] Amets hezeak [2013/06/13] Abisua [2013/09/19] Justua [2013/10/24] Arima [2014/05/22] Dimisioa [2014/05/29] Hitzaurrea Har al dezakegu zutabegintza genero literariotzat? Ez dakit zein izango den zure iritzia irakurle, baina ez nuke gutxietsiko, inola ere ez zutabegilearen lana. Are gehiago, idaztearekin lotutako lanbideen artean, zailtasun gradurik handienetakoa, aitortuko nioke sormena hain baldintza estu eta maiztasun itogarrira egokitzeko trebeziari. Saiatu kontatzen nobela bat 1500 karakteretan, egunero, astero, bi astetik behin... Aukeratu gai, gertaera, esanguratsua. Barneratu, aztertu, egin zure. Esan nahi duzuna, zukutu, iragazi, destilatu eta azkenik, idatzi. Atzean, etengabe korritzen duen erlojuaren kondenak ipurdian kosk egiten dizula. Erraz esaten da, sormena jantzi kazetaritzaren trajearekin, bai eta zer gehiago? Badaezpada ere, berriro galdetuko dut, har al dezakegu zutabegintza genero literariotzat? Baina ez erantzun orain, itxaron liburu honetan bildutako Xabier Etxanizen zutabe bilduma irakurri arte. Eta ez baduzue idazleak egunerokotasuna xehatzeko erabiltzen duen samurtasun kritikoa dastatzen, ezin baduzue haren iruditeria hurbilaren indarra atzeman, edo umoreak zutabe bakoitzean uzten duen leherkari intimoen gaiztakeria gozoarekin disfrutatzen, aldatu irakurtzeko betaurrekoak. Eta kito, bukatu zaizkit hitzaurre hau idazteko nituen 1300 karaktereak. Andoni Tolosa Tsunamietatik interesatzen zaiguna [2004/12/30] Astelehenean bi mila ziren hildakoak. Asteartean hogei mila. Atzo hirurogei mila. Bihar, auskalo. Sekula ez dugu jakingo tsunamiak eragindako hildakoen kopuru zehatza. Izan ere, hirugarren munduan kopuruek ez dute garrantzia handirik. Pobrezia gaizki moldatu izan da beti errolda eta estatistikekin. Duela hilabete bat, Japoniak lurrikara-segida bat jasan zuen. Lurrikara mordoa izan ziren, bata bestearen atzetik. Oker ez banago, hamar lagun hil ziren eta, oker banengo ere, ziur hildako kopurua ez zela ehunera iritsi. Duela urtebete, berriz, lurrak Irango Bam hiria astindu zuenean, hogeita sei mila lagun hil eta ehun milatik gora geratu ziren etxerik gabe. Horra paradoxa! Richter eskalak berdintzen duena kanpo zor betierekoak desberdintzen du. Makroekonomia heriotzari aplikatua. Datozen egunotan tsunami honen ondorioak bertatik bertara nozitu dituzten lagunen bertsioak irakurriko ditugu. Eztei bidaia bertan behera utzi duten bikoteak izango dira. Turista etsiak, ziurrenik. Zorionez, bizitakoa kontatzerik izango dute eta gu berrogei metroko olatu bat gainera baletorkigu zer egingo ote genukeen imajinatzen saiatuko gara. Etxerik gabe geratu direnen istorioak ez zaizkigu iritsiko eta, iristekotan, berehala ahaztuko ditugu. Benetan interesatzen zaiguna bestea baita. Azken batean, badakigu gu geu egon gintezkeela han… hotel eta turismo-paketeak hain dira merkeak… Beteranoa eta hasiberria [2005/03/17] AEK-ko beteranoa eta AEK-ko hasiberria lekukoaren zain daude, ilargiari begira. “Badator Korrika” entzun dute urrutira eta urduritasunak logalearen tokia harrapatu du. Zirrara harrotasunaren eskutik dator. Lekukoa bion artean hartu dute. AEK-ko hasiberriak onartu du, azkenik, oker zegoela. Euskararen mundura jaio berria da eta lasterketa ez zela inoiz gelditzen esan ziotenean ez zuen sinistu. Baina orain badaki oker zegoela: gauren erdian daude, errepidearen eta ezerezaren erdian, eta Korrika ez da gelditzen. Bihar bertan mintzalekutik kontatuko die familiakoei eta lanak izango ditu sinistarazten. AEK-ko beteranoak atzera begiratu du, pankartatik haratago. Hamahiru Korrika eta hamaika bilera utzi ditu atzean. Korrika kanpotik politagoa da barrutik baino. Zaila da eskolak behar bezala prestatzea ahalik eta diru gehien bildu behar duzunean. Didaktika ez da ondo moldatzen abiadurarekin. Pankartak idatzi ditu, Korrika txikiak antolatu ditu, sukaldari ibili da, kamisetak saldu ditu. Aspaldi ikasi zuen erraldoiak irakasleak jaten dituela. Gero aurrera begiratu du, furgonetatik haratago. Korrika egiteari utzi nahiko lioke. Hizkuntza normal bat ikusi nahiko luke. Hizkuntza normalizatu bat. Lekukoa pasa dutenean aurrera jarraitu dute. “Noiz gelditu?” galdetu du AEK-ko hasiberriak, aditz laguntzailerik gabe. Horixe bera pentsatu du AEK-ko beteranoak. Noiz arte jarraituko dugu korrika. Inoiz geldituko al da? Dortoken oroimena [2005/04/14] Lagun batek kontatzen du bere aitak urtean behin baino ez duela ganbara txukuntzen, otsailaren hogeita bostean, hain zuzen. Urtean zehar, familiaren espazio berbera konpartitzeko ohorea galtzen duten objektu guztiak ganbaran pilatzen dira, hautsak noiz estaliko zain. Baina otsailaren hogeita bostean aitak pilatutakoa txukuntzen du. Antza, Tejeroren estatu kolpeak eginkizun horretan harrapatu zuen eta, ospa egin beharko zuelakoan, bertan behera utzi zituen txukuntze lanak. Harez geroztik, egutegiak gogoratzen dio ganbarako traste zaharrak dituela zain. Bitxiak dira oroimenaren loturak. Bitxiak eta garrantzitsuak. Mugarriak baitira bizitzaren bidean. Historia istorio txikiz beteta dago eta nork berea gogoratu behar du denona ahaztuko ez badugu. Niri, esaterako, ez zait ahaztuko dorre bikiak bota zituzteneko eguna.Autobusean nengoen eta Pentagonoa ere eraso zutela esan zidatenean txantxa behar zuela pentsatu eta, pertsona zintzo ororengan dagoen anti-amerikarrak bultzatuta, barre egin nuen. Gerora, triskantza ikustean, damutu nintzen barre egin izanaz… Apirilaren lehenean pelikula irandar bat ikusi nuen, Dortokek ere hegan egiten dute. Orain badakit ez zaidala inoiz ahaztuko. Komunikabideek Wojtylaren heriotza aipatu orduko, pelikula irandar hau etorriko zait gogora, hitzik gabe utzi ninduena eta, esan dezadan bidez batez, DBH-ko ikasle guztiek eskolan derrigorrez ikusiko beharko luketena. Apalategiak [2005/07/28] Bizitzak gurasoen etxera itzularazi nau denboraldi baterako eta ordenagailua behinola arreba eta biok logela izan genuen txokoan daukat jarrita. Bitxia da logela honek izan duen eraldaketa. Haur txikia nintzenean egunez armairu bakarra zeukan eta gauez armairutik bi ohe ateratzen genituen lo egin ahal izateko. Etxean zazpi lagun bizitzea ohikoena zeneko garaiak ziren. Haatik, familia ereduak aldatu dira eta beraiekin batera etxeak eta altzariak. Gaur egun, logela izan nuena liburuz josita dago. Apalategietan eskura daukat Cervantes eta Kafka, Pio Baroja eta Vargas Llosa, Conrad eta Conan Doyle. Denak nahastuta daude, denak pilatuta. Bi ohe gordetzen zituen armairua desagertu zen eta bere lekua liburutegi kaotiko samar batek hartu du. Milaka liburu daude eta nik bizitza oso bat beharko nuke logela honetan bildutakoak irakurri ahal izateko. Gurasoen etxean zehar barreiaturik dauden liburu guztiak irakurtzeko, berriz, bi bizitza oso beharko nituzke. Azken egunotan dekorazio dendetara ere eraman nau bizitzak. Egongelarako altzari berriak aukeratu beharrean gaude eta ez da batere erraza. Izan ere, ohartu naiz egongela moderno guztietan ez baitago libururentzako lekurik. Telebista, DVD aparatua, musika ekipoa… dena jartzeko tokirik dago. Liburuentzako, ordea, ez dago apalategirik. Antza denez, altzari-fabriketan jada ohartu dira familia berriek ez dutela irakurtzen. Lo-suyo [2005/11/24] Obra bateko gremio guztiek erabiltzen duten komodina dugu lo-suyo hitz-elkarketa. Hala igeltserorik trebeenak, nola argiketaririk alferrenak, hala pintorerik zikinenak, nola iturginik txukunenak, den-denek lo-suyo ibiltzen dute hitzetik hortzera, eta hau etxeko komuna eraiki behar izan duen orok badaki. “Komun honetan –serio esango dizu igeltseroak- lo-suyo apaingarri polit bat jartzea da”. “Hemen, logela honetan –jakinaraziko dizu pintore arduratsuak- lo-suyo kolore bizi bat jartzea da”. Bai, lo-suyo obra guztietako hitz magikoa da, edozertarako balio duena eta askotan esanahi bikoitza duena. Batzuetan, lo-suyo “errazena” hitzaren sinonimoa da, delako langileari lanik gutxiena ekarriko diona, alegia. Bestetan, ordea, lo-suyok “garestiena” esan nahi du, delako langileari etekinik handiena emango diona. Okerrena da lo-suyo esan ostean, beti bigarren esaldi bat datorrela: “…baina tira, zeuk nahi duzuna egingo dugu, erabakia zeurea da…”. Nire igeltseroarekin oroitu nintzen herenegun, 18/98 sumarioaren epaiketa hasia zela irakurri nuenean. Garzonek eta justizia espainolak ere lo-suyo erabiltzen baitute barra-barra. “Gazte honen kasuan, lo-suyo kolaborazioa da”, “Emakume honen kasuan, berriz, lo-suyo ETAren dirua kudatzea da”. Beraiek badakite -azkarrak baitira oso- zer den egokiena kasu bakoitzean. Lo-suyo, beraientzat errazena, euskaldunontzat garestiena. Zoritxarrez, guri ez digute erabakitzen uzten. Politikoki zuzenak (I) [2005/12/29] Argi utzi nahi dut hasieratik: haserre antzean ari naiz lerro hauek idazten. Ez nuke egin behar, badakit, baina lehertu beharrean nago eta idatzi ezean, usteldu egingo zait barrua. Barka iezadazue, beraz, purrustada. Popeyerena izan zen lehenengo abisua, baina ez nion bestelako garrantzirik eman. Bigarrenaz Durangoko azokan ohartu nintzen, “Sherlock Holmes eta kirol arriskutsuetako elkartea” izeneko komikiaren azala ikustean. Bertan Holmes pipa erretzen egon beharrean tea hartzen ari da. “Kontxo, kontxo! Harritzekoa Holmes piparik gabe! Non ote bere calabash ospetsua?” galde egin nion nire buruari. Pena sentitu nuen Sherlock-ek jada ez zuela erretzen ikustean. Izan ere, munduko pipa erretzaileok miresteko moduko ikono gutxi daukagu eta, Einsteinekin batera, Londreseko detektibea garrantzitsuenetakoa da. Pipa erretzaile euskaldunok, ordea, Olentzero dugu ezinbestean ikono nagusitzat eta, egia esatera, harrotasun puntu batez onartzen ditugu haurren begirada harrituak. “Kontuz, Olentzeroren koadrilakoa nauk eta txintxo portatu ezean, oparirik gabe geratuko haiz” entzutean aho zabalik geratu ohi dira gizajoak. Olentzero, gure ikazkin zahar eta bakartia. Tripa handia, pipa hortzetan eta ardo botila ondoan. Ez da perfektua baino gurea da, eta den bezalakoa maite dugu. Eta den bezalakoa maite badugu… zergatik lapurtu diote pipa “Olentzero eta Subilaren lapurreta” pelikularen egileek? Zergatik ezin du pipatu Olentzerok? Politikoki zuzenak (eta II) [2006/01/05] Ados. Ez da politikoki zuzena haurrek Olentzero erretzen ikustea. Oso ondo. Haurrek ezin badute Olentzero pipa hortzetan duela ikusi, primeran, ken diezaiotela pipa madarikatua, “Subilaren lapurreta” pelikulan egin duten bezalaxe, eta alda dezatela kanta. Hori bai! Politikoki zuzenak izan behar badugu, urrunago joan beharko genuke. Olentzeroren ardo botila, esaterako, kanpora, alkoholismoak jende mordoa jartzen baitu galbidean. Hemendik aurrera, seven-up. Eta zer demontre da tripatzar hori? Fuera kupelak, loditasunaren bideak hilerrira baikaramatza. Datorren urtean, Olentzero txandala jantzita jaitsiko da menditik, eta opari banaketa hasi aurretik gimnasiotik pasako da. Kontxo, egia esan, gustua hartu diot politikoki zuzena izateari! Jarrai dezagun. Olentzero gizonezkoa da… noiz arte genero diskriminazio begi-bistako hau? Emakumea alardetan bai, baina ezin Olentzero izan ala? Non dago Emakunde? Eta diskriminazioa aipatu dugularik, zer gertatzen da beltzekin? Noizko Fez-en jaiotako Olentzero bat? Ba al dago etorkinen integraziorako modu egokiagorik? Eta noizko Olentzero gay bat? Nik txandaka egitea proposatuko nuke. Hartara haurrek ondo ulertuko lukete gure artean zilegiak direla izaera guztiak, eta hemen mundu guztia onartzen dugula den bezalakoa. Ados. Ziurrenik Olentzero jada ez litzateke Olentzero izango, baina politikoki zuzenen artean politikoki zuzenenak ginateke. Politikoki zuzentasunaren txapeldunak, hain zuzen! Biba gu! Ozeanoan [2006/04/06] Badabil hortik patera erraldoi bat noraezean, itsaso zabalean galduta, olatuetan kulunkari. Patera erraldoi bat, txiki-txikia ozeanoaren handitasunean. Beltzez beteriko patera. Etorkizun beltzeko beltzak. Afrikar hauek temosoak dira gero! pentsatzen du Europa andereak. Horrela ez dago bizitzerik! Mugak zaindu behar ditugu, altxa ditzagun hesiak lau metro gorago, jar ditzagun hesi inteligenteak bertan harrapaturik gera daitezen euliak armiarma sarean bezala. Europa andereak urteak daramatza kosta zaintzen baina ez du ezer ikasi. Honez gero jakin beharko luke gaurko arrainak gaurko gosea asetzeko balio duela baina askoz eraginkorragoa dela arrantzarako kanabera oparitu eta arrantza egiten irakastea. Honez gero jakin beharko luke gaurko gosea biharko amorrua dela. Europa anderea, baina, temosoa da. Zaindu itzazue zuen mugak. Tori, horra gure oparia Mauritaniako gobernuarentzat, itsasontzi berri eta eder bat, dotore askoa. Arrantza egin ahal izango dugu? Ez, jauna, gerraontzi bat da, patruilari bat hain justu, gure –barkatu- zuen mugak zaindu ditzazuen. Afrikar hauek temosoak dira gero! Itsasoan itota hil beharrean hobe lukete etxeko gozotasunean gosez hilko balira. Zuen mugak zaintzen ez badituzue arazoak izango ditugu –barkatu- dituzue. Tori, beste patruilari bat utziko dizuet, ahal duzuenean bueltako didazue. Temosoak eta esker txarrekoak. Zer esan behar da? Eskerrik asko! Badabil hortik patera erraldoi bat noraezean, hondoa noiz joko zain. Marlaska eta ezjakintasuna [2006/06/29] Ezjakintasuna ausarta dela diote. Nik ez dakit hala den ala ez, baina gauza bat argi daukat: ezjakintasuna zoriontasuna da. Neu behinik behin zoriontsu bizi nintzen nire ezjakintasunean, patxada ederrean. Ezjakintasuna Karibeko igerileku baten ertzean bertan dagoen taberna bat da. Urak freskatzen dizu soinaren beheko aldea, eguzkiak berotuko dizu, hala nahi izatera, lepoa. Ez bero eta ez hotz. Bero eta hotz. Ezjakintasuna mojito bat da. Eta hala nengoen ni, ezjakin baina zoriontsu, harik eta El Pais Semanalen Grande-Marlaska epaileari egindako elkarrizketa irakurri nuen arte. Duela gutxi nire buruari zin egin nion zutabe honetan ez nuela Grande-Marlaska berriro aipatuko. Erabaki latza izan zen ezen argi baitago bere erabakiek jokoa ematen dutela, eta zer besterik behar dugu zutabegileok idazten hasteko? Simaurrak zelai berdeak nola, hala fosfatatzen ditu epaileak gure paperezko baratzak, txukun eta ganoraz. Baina errazegia litzateke. Eta errepikakorra. Ez dut, beraz, nire zina hautsiko. Hemendik aurrera ez dut Grande-Marlaska epaileaz hitz bat bera ere idatziko. Jakina, lehen, epaileari egindako elkarrizketa irakurri aurretik, ez nekien Bilbokoa zela eta euskara ulertzen zuela. Eta ez nekien bere senar euskaldunak irakur zezakeela nik idatzitakoa. Hau jakin dudanetik, gaizki egiten dut lo eta kereila beldurgarriekin egiten dut amets. Ezjakintasuna ausarta izango da, baina ni naizen ezjakin hau kakati hutsa da. Trukea [2006/09/29] Gutunak mezu bat dakar nire izenaren ondoan: “Agian ez zara ohartu, baina egunkarian atera zara”. Zabaldutakoan honako berri hau aurkitu dut ekonomia egunkarietako orri laranja horietako batean: “Europako Banku Zentrala Xabier Etxanizekin bilduko da irailean bere hipoteka errebisatzeko asmoz”. Azpitituluak ere atentzioa eman dit: “Analista guztiak bat datoz, EBZ-k interesak berriro igoko balitu, Xabier Etxanizek produktu berri bat erosiko luke igoerak kalterik sor ez diezaion”. “Izan ere –dio berriak-, inork ezin du interes tipoen igoera ekidin. Haatik, X banketxearen bezeroek zerbait egin dezakete aipatu igoerak eragozpenik sor ez diezaien, truke bat alegia. Produktu berri honek denboraldi batez interes aldakor batetik interes finko batera pasatzea ahalbidetzen du. Hartara, bezeroak interesen igoeraren arriskua uxatuko luke. Aseguru baten igual-iguala da.” Dirudienez, nik uste baino garrantzitsuagoa naiz, berriak argazki eta guzti baitakar. Argazkian berrogeita hamar urte inguruko gizonezko dotore bat agertzen da neska ilehori eder baten ondoan. Nago gizonezkoa Banku Zentraleko arduradunen bat dela eta ilehoria bere idazkaria. Ez galdetu zergatik. Kontuak egin ditut eta produktu berri horrek %25a garestitzen du gure hipoteka zorionekoa. Analistek kale egin dute oraingoan, ez baitut eskaintza onartuko. Hala ere, bilera noiz egingo dugun jakiteko irrikan nago. Gustura asko esango diet gauza pare bat interes tipoen igoeraz. Ze egun da gaur [2006/11/09] Baten batek pentsatu zuen hura guztia gure kultura eta ohituren adierazpide bat baino ez zela. Gure gonbidatuek onena merezi zuten. Eta egun haietan tabuez hitz egiten ari ginelarik, zer hobe gure lagunak Zugarramurdira eramatea baino? Eta gure sorginez eta beldurrez ari ginelarik, zer hobe muga ondoan guardia zibilaren kontrol bat antolatzea baino? Akaso ba al dago Benemeritaren kontrolak baino gauza euskaldunagorik? Ez al dira zorioneko hartu-eman hauek euskaldunon idiosinkrasiaren ezaugarri garrantzitsu bat? Eta hala izanik, hain zentzugabea al zen kontrol hura guk geuk gure gonbidatuen gorazarrez prestatutakoa zela pentsatzea? Bazuen logikarik, bai… Baina oker zegoen, eta polizia autobusera igo zen. – Ze egun da gaur? –galdetu zuen. Isiltasuna. Inork ez zion ezer erantzun. Ez hanka eta ez buru ez zuen galdera hark, eta euskaldunok aspaldi ikasi genuen kontroletan galdera guztiek saria dutela. Zer gerta ere, hobe isilik. Galderak bazuen logikarik, ordea, baldin eta etorkin errumaniarrez beteriko autobus bat harrapatu nahian bazabiltza. Zein unetan gertatu zen kortozirkuitua poliziaren buruan? Ezin jakin. Nago gure piura mendebaldarrak xuxurlatu ziola belarrira gu ez ginela etorkinak. – Espainolak al zarete denak? Isilik geratu ginen berriro. Idazle katalan, galego eta euskaldunak ginen. Zer nahi zuen, bada, guk erantzutea? Zentzugabeko galderek isiltasuna baino ez dute merezi. Kakati [2007/02/01] Kakati hutsa naizela, horixe esan zidan igandean nire lagun Felixek. “Zein erraza den zure pulpitu horretatik sermoiak ematea. Orain egurra banketxe honi, gero hango politikoari, sikario merke baten pare. Hori bai, aurrez aurre dituzunean kikildu egiten zara, oilobusti halakoa!”. Jakin nahi nuke zer egingo ote zukeen Felixek nire lekuan egon balitz. Kontua da iaz Gipuzkoan antolatzen den ipuin lehiaketa potolo bat irabazi nuela. Dirua berehala sartu zidaten kontu korrontean –eta nik jaso ahala xahutu- baina lehiaketa honetan garaikurra urtebete beranduago emateko ohitura bitxia dute eta banaketa larunbatean izan zen. Eta jakina, literatur lehiaketetan ere gauzak ondo egin behar direnez, zenbat eta diru gehiago saritan, orduan eta ponpoxoagoa da sari-banaketa. Argazkilariren bat edo beste topatuko nuelakoan, ahalik eta dotoreen jantzi nintzen, informala baina gustu handiz eta etxetik atera nintzen. Iristean, baina, nor topatuko eta Gipuzkoan gehien agintzen duen politikoa eta aurrezki kutxa handi bateko lehendakaria topatu nituen, biak mahai berean sariak banatzeko prest. Eta orduan mikrofonoa pasa zidaten… Aukera ederra izan nuen kristorenak esateko baina koldartu nintzen. Kakati hutsa naiz. Baina zer nahi duzue. Haiek badakite non bizi naizen, nire datu guztiak dituzte, nire familiarenak, eta sariaren dirutik geratzen zaidan apurra haiek dute gordeta. Gainera, bukatutakoan Berasategiren jatetxera eraman nahi ninduten… Parke tematikoa [2007/03/29] Parke tematiko batean bizi naiz. Pintxolandia du izena eta Donostiako alde zaharrean dago. Ez dakit nori bururatu zitzaion parkea eraikitzeko ideia, baina bertako agureek esaten dutenez beti izan da horrela eta horrela jarraituko du betiko. Parke tematiko on guztiek bezalaxe, gureak ere aldaketa franko izan ditu, garaian garaiko bezeriaren gustu zein beharrei egokitzeko gai izan den seinale. Diotenez, parke tematikoa parrandari begira jaio zen –ez alferrik esaten zioten “La Jarana”- baina badakizue, haizea nora, zapiak hara, eta Euskal Herriko gastronomiak gailurra jo zuenean parkeak bere helburu estrategikoak aldatu zituen. Pintxolandia garapen natural baten emaitza dugu eta horrela, natural-natural bizi dugu gure bizitza parke tematikoan. Hain natural non bertakook atrezzoren parte bagina bezala sentitzen baikara. Pintxolandian turismoak utzitako sosei esker bizi gara, gauza jakina baita gizakia tenteldu egiten dela turistaz janzten den bakoitzean. Baina gauza bat da turista berez tentela izatea eta beste gauza bat, zeharo ezberdina, guk tenteltzat hartzea. Eta horixe da batzuk egiten ari direna. Atrezzoren parte izateak ematen digun zilegitasunaz baliaturik, turistentzat errespetua eskatu beharrean gaude. Eta esan dezagun, beraz, ozen eta irmo: “Surtido de aceitunas con un chorrito de Martini” ezin dugu inolaz ere pintxotzat onartu. Eta bai, turista jaun-andreok, 3 euro kobratu dizuen zerbitzaria lapur hutsa da. Life is a dream [2007/04/05] Interneten irakurritako berri batek eman dit atentzioa aste honetan. New Yorkeko bizilagunek Calderon de la Barcaren “Bizitza amets bat da” antzezlana ikusteko aukera izan dute eta dena Garzon epaile txit langileari esker. Antza, epailea New Yorkera joan zen giza eskubideei buruzko hitzaldi batzuk ematera eta entzuleen artean zeuden bi laguni inspirazioa agertu zitzaien, bat-batean, Aingeru Guardakoa bailitzan. Ikuskizuna hiru aldiz taularatu dute Sohoko antzoki txiki batean eta hiruetan aretoa bete da. Garzonek berak joateko asmoa omen zeukan baina lanez lepo omen dabil… Berria “Bitxikeriak” atalean agertzeak eman zidan atentzioa, ezen, denok dakigunez, ez baita lehenengo aldia Garzon epaile txit eternala literatur sormenerako akuilu eta inspirazio duguna. Are gehiago, nago literatura unibertsalaren ale interesgarri asko Garzonek han eta hemen ereindako haziei esker jaiotakoa direla. Kasurik ezagunena, ausaz, Kafkaren “Prozesua” izeneko maisulana izango da, baina ez da, inondik inora, bakarra. Nor zerabilen gogoan, bestela, Absurdoaren Teatroaren ikurra den Eugène Ionescok “Abeslari burusoila” idaztean Garzon ez bazen? Zergatik dio bolo-bolo dabilen zurrumurru batek “Garzonen esperoan” izan zela Samuel Becketten maisulanaren lehenengo izenburua? Asko lirateke aipatu beharreko lanak eta gutxi geratzen zaizkidan karaktereak. Beraz, beste Maratila batean aztertu beharko ditugu Garzonek zinemagintzari egindako ekarpenak. Bidea aukeratzea [2007/04/19] Gogoan dut behin ikastetxe katoliko baten ordezkaritza etorri zela gure eskolara. Sotanarik gabe etorri ziren hitzaldi sorta bat ematera, bokazio galduen bila. Gu tentatzera etorri ziren, gu abduzitzera. Eta, aitor dut, ni tentaldian erortzekotan egon nintzen. Zorionez, gure amak konbentzitu ninduen estralurtar haiekin ez joateko, eta eskerrak horri, bestela auskalo zertan ibiliko nintzatekeen egun. Urte batzuk geroago bizitzak berriro jarri ninduen bidegurutze batean. Ezkerrean institutua. Eskuinean, lanbide heziketa. Eta, auskalo zergatik, garai hartan marrazketa teknikoak ematen zidan atentzioa. Delineatzailea izan, ez izan, zalantzatan ibili nintzen bolada batez. “Oso narrasa zara delineatzailea izateko” esan zidan amak. Eta arrazoi zuen. Institutura joatea erabaki nuen, eta eskerrak horri, bestela orain arkitekto estresatu bat izango nintzateke. Bidea ondo aukeratzeak sekulako garrantzia dauka. Nik amaren laguntza izan nuen. Bideratu ninduten, nolabait esateko. Virginiako unibertsitateko sarraskia egin zuen gaztea, ordea, ez zuen inork bideratu. Antza, inork ez zion esan tiroak botatzeko unibertsitatea ez dela tokirik egokiena, jendea hiltzeko AEB-etako armadan izena ematea zeukala. Gauza bera egin zezakeela Kabulen edota Bassoran, horrenbeste iskanbila sortu gabe. Baina, ez dakit zergatik, inork ez zion ezer esan, eta orain, AEBetan, presidente harro bat egon beharrean, presidente triste bat dago. Hotzikara [2007/04/19] Atzo, familia etxetik noiz jaitsiko zain nengoela, atariko atearen kontra hartu nuen babes, kale haizetsu batean bizi baikara. Berandutzen ari ziren eta pipa tabakoz betetzeko aprobetxatu nuen. Halako batean bi bikote gazte ikusi nituen kalean behera. Lehenengo bikoteko mutilak besoa neskaren sorbaldan jarrita zeukan, gogo handirik gabe, besoak toki hura kasualitate hutsez topatu izan balu bezala. Neska ogitarteko bat ari zen gogoz jaten. Bigarren bikoteko mutilek beisbol txano bana zeramaten buruan. Nire parera iristean laurak gelditu ziren nigandik oso gertu. Zergatik gelditu ziren? Ez dakit. Deskuiduan pipa tabakoz betetzen ari nintzela ikusteak atentzioa eman zien. Urte mordoa daramat pipa erretzen eta dagoeneko ohitu naiz nire pipek sortzen duten ikusmirara. Neska begira-begira geratu zitzaidan eta zerbait esan zidan, ulertu ez nuen zerbait. Atzeko mutilek ere hitz batzuk esan zituzten eta orduan neskak bere ogitartekoa eskaini zidan. Buruaz ezetz esan nuen, zer nahi zuten ulertu gabe. Kalean behera joan ziren azkenik eta pentsamendu batek asaldatu ninduen: gertuegi gelditu dira. Instintiboki, nire eskuek patrika guztiak haztatu zituzten. Esku telefonoa, diru-zorroa, txartelak… den-dena bere tokian zegoen. Gauza bera egingo ote nukeen lau gazte haiek ijito errumaniarrak izan ez balira? Haize bolada batek putz egin zidan lepoan eta hotzikara bat sentitu nuen gorputzean. Arrazakeria zen. Xanpaina [2008/01/17] Notarioak sakon hartu zuen arnasa banketxean sartzerakoan. Hipoteka-mailegu baten izenpetze ekitaldia zuen baina horrek ez zuen kezkatzen. Xanpainak kezkatzen zuen gehien. Izan ere, goiz hartan bertan kolegioak “2007ko Ohorezko Notario” izendatu baitzuen eta notaritzan festa handia egon zen. Xanpainak bulego eta pasillo guztiak korritu zituen. Gora urteko ohorezko notarioa! Gora! Eta hala, beste trago bat! Gora notariorik omentsuena! Gora! Azkenean, notarioak serio jarri behar izan zuen –ederki kostata egia esan, xanpainak sekulako barregura eragiten baitzion betidanik- lankide guztiak lanean jartzeko. Bulegoko atea zabaldu eta denak bere zain zeudela ohartu zen. “Barkatu” esan zuen ahopean. Urduri zegoen, mingainak irrits egingo ote zion beldurrez, baina nortasun-agiriak eskatu eta eskritura irakurtzen hasi bezain pronto dena kontrolpean zegoela pentsatu zuen. Usteak erdia ustel. “Hasierako interesa % 4 izango da” esan zuenean irribarre batek egin zion ihes. “Hilero bederatziehun eta hogei euroko kuota ordaindu beharko duzue”. Kar, kar, kar. Eta, azkenik, “Mailegua ordaintzeko epea 2058eko urtarrilaren 17ra arte luzatuko da” esaldia bukatutakoan notarioak ezin izan zuen gehiago jasan eta barrez lehertu zen. “Auskalo non egongo ote garen 2058. urtean!”. Kar, kar, kar! “Errua xanpainarena izan da” desenkusatu zen notarioa irribarre batez, baina bikote gazteari aferak ez zion batere graziarik egin. Galduta [2008/01/24] Hamar egun daramatzat nora ezean. Aznar eta bere tximek bisita egin zigutenetik, hain zuzen. Harez geroztik, ez dut lo egiten, hamar Red Bull segidan hartu izan banitu bezala. Harez geroztik, ezin naiz kontzentratu eta buruak linborantz egiten dit ihes, behin eta berriz egin ere, amari jaramonik egin gabe gozo-dendaren erakusleihora hurbiltzen den haurrak nola. Harez geroztik, indarge sentitzen naiz, ahul, nire harria tontorrera eraman ezinik, Sisifo berri bat banintz bezala. Bai, Aznar eta bere txima luzeak Iruñean egon zirenetik galduta nabil. Eta ez da harritzekoa. Nola sentituko zinatekete zuek faxisten tropa berrien gidariarekin ados bazeundete? Kontua da Aznarrek arrazoi duela. Gezurra esaten omen diegu gure seme-alabei ikastoletan. Euskal Herria ez omen da sekula existitu. Gure aldeko historialariek mila bider errepikatutako istoriotxoak omen dira, denboraren poderioz sinetsi ditugunak, sinestarazi dizkigutenak. Eta Aznarrek arrazoi du. Historialariek entzun nahi dugun historia kontatzen digute eta faxistak badaki horrenbeste. Jakingo ez du, ba! Ehunka ditu-eta soldatapean! Horregatik, hala gureak nola bereak fidagarriak ez direlako, has gaitezen zerotik. Eta aldarrika dezagun ezen ez garela ez espainolak ezta frantsesak ere, baina ez historiak hala esaten duelako, guk hala nahi dugulako baizik. Etorkizunean datza gakoa, ez iraganean. Ezin gusturago geratu naiz, aizue! Orain atsedena hartu ahal izango dut. Koltxoia [2008/01/31] Ez, ez da egia. Hamar urte direla entzun duzu maiz eta zuk, jakina, sinetsi egiten diozu saltzaile musugorriari, mundua jende zintzoz mukuru baitago, jende on askoa, negozio bat duena eta kontsumitzailea ez ezik honen oniritzia ere behar duena saltzen jarraituko badu. Eta saltzaile musugorriak zure koltxoiaren biziraupena hamar urtekoa dela esaten badizu, zuk baietz erantzuten duzu buruaz, arrazoia izango du, noski. Bai, hamar urteren bueltan hasten dira komeriak. Malgukiak omen dira errudunak. Indarge geratzen dira, antza, bat-bateko gripe batek jo izan balitu bezala. Malguki gizajoak gaixotu egiten dira, horrelakoxea da bizitza. Eta zuk baietz, saltzaileak arrazoi, ez alferrik ematen du bizitza koltxoiz inguraturik. Koltxoiek ere hil behar dute berriak jaioko badira. Bizilegea da. Ia ohartu gabe, agurraren une iristen da. Nola edo hala, kalera atera duzu eta hantxe utzi duzu, atariaren ondoko paretaren kontra, zabor biltzaileak bila noiz pasako. Etxera itzultzean, azken begiradatxoa. Keinu hutsal bat baizik ez, garrantzia duena bere txikian. Hamar urtez zure loaren zaintzaile eta zure amodioen lekuko isila izan denak merezi du hainbeste. Baina ez, ez da egia. Zure koltxoiaren biziraupenak ez du zerikusirik malgukiekin. Horretaz beheko bizilagun ekuadortarrak koltxoia atzera ataritik sartzen ikustean jabetu zara. Izan ere, koltxoi baten biziraupena bere jabearen azalaren kolorearen baitakoa baita. Ziber-atxiloketak [2008/06/07] Volgako batelariek ETAk bere ekintzak Second Life-n burutu beharko lituzkeela esan zutenean, ideia egokia iruditu zitzaidan. Ziurrenik proposamen hura ez zen ez ausartena –euskal pornografiaren aldeko apustuak bat baino gehiago lotsatu zuen hala batzokietan nola herrikoetan-, ezta eraginkorrena ere –balizko jaki nazional baten ekarpenari interesgarriagoa deritzot-, baina denetan originalena zen, dudarik gabe. Bai, badakit jendeak proposamenok txantxatzat hartu zituela eta bitan pentsatu gabe bidali zituela ordenagailuko zakarrontzira. Azken batean, Volgako batelariak idazleak eta poetak dira, ez zaie jaramon handirik egin behar. Haatik, badago proposamena serioski hartu zuenik. Izan ere, Espainiako polizia hasia baita ziber-txoko guztiak miatzen eta arakatzen, nork zer esango, nork zer egingo, jakina baita –polizia ez da leloa- euskaldunok jende arriskutsua garela eta ez dugula alferrikako proposamenik egiten. Beraiek badakite hemen dena dagoela lotuta, denok gaudela, modu batera edo bestera, barruan. Eta apologiaren lurraldea hain zabala denez, hasi dira atxiloketak. Kontuz, beraz, zer idazten duzuen! Ni seko beldurtuta nago, oraindik ez baitakit nola azalduko diodan epaileari ezen blog hartan “suziriak gora eta gora eta gora eta gora egin zuen harik eta leher egin zuen arte” esaldia idatzi nuenean Donostiako su artifizialen deskribapen xume bat baino ez nintzela egiten ari. Sistema berria [2008/10/23] Ene lagunok, une historikoa da bizitzen ari garena. Mundua aldatzen ari da gure begien aurrean eta oporretan jarraitzeko asmoa banuen ere, ezin nion hutsik egin hitzordu garrantzitsu honi. Horrelakoxeak gara Maratilagileok, beti zuen ondoan egoteko prest, beti adi. Baina natorren harira. Une historikoa da hau, bai horixe! Izan ere, gure seme-alabek eta gure seme-alaben seme-alabek, denek gordeko baitute oroimenaren kutxan amaitu berri den uda. Etorkizunean, historia liburu guztiek kontatuko dute 2008ko udan kapitalismoa hil zela, estatuek banketxeak erosi zituztela, eta herri xehearen txaloen artean, gizateriak komunismoaren antzeko sistema bat besarkatu zuela. Bai, ene lagunok, azkenik munduak ulertu du Carlos-ek arrazoia zuela, ez zuela hutsik egin, analisiaren muinari dagokionez, behinik behin. Majo kostata izan bada ere, azkenik munduak ulertu du aberastasuna birbanatu behar dela, ez dela bidezkoa batzuk izugarri aberastea ondokoa miseria gorrian dagoen bitartean, onartezina dela kolpe zorrik jo gabe ondokoaren lepotik bizitzea. Sistema berriaren filosofia sendoa da bere xaloan: estatuak emango dizu behar duzun guztia. Hiri zenbat? 10.000 miloi? Tori! Eta hiri, zenbat? 15.000 miloi? Gehiago? Tori, ba! Aizak! Hi atzera, lehengoan eman nian eta! Komunismoa “banketxeen erara” deritzote sistema berriari. Sentitzen dut. Idazten jarraitu nahi nuke baina negar malkoek ez didate uzten. Izan ere, hain baita ederra… Izarrak eta arroz aleak [2008/12/18] Autobuseko telebistak jakinarazi dit ez dakit zenbat milioi argi-urtera dauden bi galaxiak elkarren kontra talka egin dutela eta zulo beltz bat sortu dutela. Edo alderantziz. Berdin du, ez baitauka bestelako garrantzirik zerk zeren kontra egin duen talka eta zer sortu duten. Miloi bat argi-urte izan beharrean hamar milioi balira, berdin-berdin geratuko ginateke. Ehun balira ere, ez genioke informazio horri traba handirik jarriko. Badakigu, zerura begiratzea besterik ez baitago, izarrak urrun daudela, baina, hortik aurrerako kontzeptuak deserosoak zaizkigu eta galdu egiten gara. Interneteko pantailak, berriz, zera xuxurlatu dit, nanoteknologia zentro handi bat zabalduko dutela Donostian. Alderantziz ere izan liteke, superteknologia zentro nano bat zabalduko dutela Donostian. Berdin du, horrek ere ez baitauka bestelako garrantzirik. Ez dakit zenbat milioi euro inbertituko dituztela. Antza, gauza nanoek aurrekontu handiak behar dituzte. Hala izango da hala badiote, baina guk ezin jakin. Badakigu, ordea, arroz-alea txikia dela. Eta hortik aurrerako kontzeptuak handiegiak zaizkigu, baita nanoetan handiena ere. Eta, gauzak horrela, plasmako pantaila lauak munduan ez dakit zenbat milioi lagun gosez hiltzen direla esaten didanean, nire burmuinak badaki zein den eman behar duen erantzuna. Ikasi du bidea. Alferrik da kontzeptu handi eta deserosoei jaramonik egitea. Eta, gainera, berdin du. Ito(r)kinak [2009/01/29] Beheko etxebizitzan etorkin hegoamerikarrak bizi dira. Ez dakigu zenbat diren, baina susmoa dugu asko direla. Ez dakigu zenbatean ordaintzen duten alokairua, baina susmoa dugu asko dela. Eta susmoa dugu, halaber, gelako ordaintzen dutela. Agian horrexegatik dira asko. Lehengoan garbigailua matxuratu egin zitzaigun. Gu ez ginen matxuraz ohartu harik eta etxebizitzaren jabeak telefonoz deitu zigun arte, baina ordurako beheko bizilagunen sabaia itogin eder batez zegoen apainduta. Gertatutakoa ikustera jaitsi nintzenean Oscarrek serio zabaldu zidan atea eta itogina ikustera eraman ninduen. Eta itoginaz hitz egiten zidan bitartean zera iruditu zitzaidan, bere begiek halako sentimendu berezi bat gordetzen zutela, urduri balego bezala, beldurrez balego bezala. Eta irudipen horrekin itzuli nintzen etxera. Asegurukoek matxura konpondu ostean pintoreekin hitz egin genuen. Itogina lehortu arte, ezin ezer pintatu, eta atzera jaitsi nintzen Oscarrengana. Lehenengo bisitan ez bezala, irribarretsu zabaldu zidan atea. Hirugarrenean, pintoreek dena txukun utzi ote zuten galdetzera jaitsi nintzenean, irribarrea ez ezik eskua ere eskaini zidan, esker onez. Orduantxe ulertu nuen zergatik ikusi nuen beldurra bere begietan. Guk egin beharrekoa baino ez genuen egin. Gizalegez jokatu besterik ez. Baina, antza denez, ez dute horrelakorik espero guregandik eta horregatik eskertzen digute guri aseguruari eskertu behar diotena. Co-rrien-do [2009/04/02] (Berriako ikerketa sailak Nafarroako Gobernuko bi funtzionariori grabatutako telefono elkarrizketa.) – Bai, Fermin, neu nauk. – Aupa, hi, zer moduz? – Gaizki. Goikoak sutan zeudek eta, badakik, hori ez duk ona. – Bai, bazekiat. – KORRIKAkoei esaiek ez diegula kilometroa ordainduko. Goikoak engainaturik sentitzen dituk, pasa egin direla esan zidatek… – Ez naik harritzen… – Mila aldiz esan zieagu, baina ez ditek ikasi nahi. Nahi dutena egin zezaketek, baina hori bai, legea eta demokrazia errespetatu beharra zagok. – Bai horixe! – AEK-ko alproja horiek ziria sartu nahi izan zigutek eta larrutik ordainduko ditek. “Mesedez, erosi kilometro bat”… Eskean etorri zituan, eta guk besoak zabalik hartu genitian. “Mesedez, gu euskararen alde gaude, zuek ez ala…?” Hamaika ikusteko jaioak gaituk, Fermin! Horixe besterik ez genian falta, gure konpromisoa zalantzan jartzea. Lingua Navarrorum! Gu beti egon gaituk alde. Zer uste dute horiek? – Eta azkenean erosi genian zorioneko kilometroa… – Gaztigatu geniean: aizue, Tutera zonalde ez-euskaldunean zagok, adi ibili legearekin. Eta hasi bezain pronto, ostia ederra eman zigutek muturrean. Erraza zuan: CO-RRIEN-DO, CO-RRIEN-DO… nahikoa zuan hiruzpalau aldiz esatea… – Eta orain zer? – Aitzakiaren bat jar iezaiek, ez zekiat, hik nahi duana… presoen argazkiak atera dituztela edo horrelako zerbait… Bai, terrorismoaren apologiarenak beti funtzionatzen dik… (Erredakzioan itzulia) Trauma [2009/06/11] Donostiako itsas komandantziatik gertu bizi naizenez, ia egunero ikusi behar izaten dut Espainiako bandera ikaragarri handi bat. Eta handik pasatzen naizenean zera galdetzen diot nire buruari, ea han barruan dauden militarrek ez ote duten halako trauma psiko-sexualen bat, ez ote dagoen bandera horren tamaina eta euren zeren tamainaren arteko lotura ezkuturik. Sigmund handiak izango luke zer esanik auzi honetan. Balirudike oso harro daudela beraien banderaz. Balirudike auzoko bizilagunei aurpegiratu nahi digutela Espainia gure auzoan dagoela eta euren bunkerreko leihoetatik “ez dizuegu beldurrik eta, gainera, gurea zuena baino handiagoa da. Eta potoloagoa! !” esan nahi digutela. Ez dakit zuek, baina, nik trauma baten zantzuak sumatzen ditut harrotasun horren atzean. Izan ere, harrotasun hori osasuntsua balitz, militarrak ez lirateke haize bolada txatxu baten beldur. Bai, ene lagunok, haize apur bat altxatzen den bakoitzean, bandera erraldoia gordetzen dute eta bere ordez bandera ziztrin bat –tamainaz ari naiz, fiskal jauna- eskegitzen dute. Haizeak gogor jotzen duen bakoitzean komandantziakoak kikildu egiten dira, eta horrekin batera Espainia txikiago egiten dute, sinbolikoki bada ere, hain harro ez dauden seinale. Konturatu nintzenetik, egunero erreparatzen diot haizearen indarrari. Poz txikitxo bat baino ez da, bai, baina ahal den bitartean aprobetxatu beharrekoa. Behintzat Eolo ez-legalizatu arte. Urtebetetze festa [2009/10/01] Uda honetan urtebetetze festa batean izan naiz. Ikastolarik ez zegoenez, uda partean urteak betetzen zituzten haurren gurasoak ados jarri ziren eta urtebetetze festa erraldoi bat antolatu zuten Urgull mendian. Imajina ezazue panorama: hogeita hamar bat haur, hogeita hamar bat ama, hamabost bat aita –sentitzen dut, berdintasun erabatekoa ez da egun batetik bestera lortzeko moduko helburua-, bi litro Kas laranja, beste hainbeste Kas limoi, hiru litro Koka-kola, ehunka sandwich, ehunka puzgarri txiki uraz beteak, eta hiru pastel. Bai, ez kezkatu. Niri ere ileak laztu zitzaizkidan. Ez dakit zehazki zeinek aginduta, baina halako batean hasi zen festa. Edo gerra, nondik begiratzen den. Haurrek jateari ekin zioten, gero oihukatzeari, gero gaizki portatzeari –edo ondo, hau ere nondik begiratzen den-, eta azkenik jolasteari, talde txikitan, denak gertu baina elkarri jaramonik egin gabe. Espektakulu hura ez zitzaidala gustatzen esan banuen, esan nuen ba! Neurekoia nintzela esan zidaten. Hura zela haurrek nahi zuten festa, primeran pasatzen ari zirela. Ez dakit. Nire ustez, festa hark helduon festa ereduaren antza handiegia zuen, festa eredu bat non arrakasta kuantitatiboki neurtzen den, non bildu duzun lagun kopuruak adierazten duen ondo pasa duzun ala ez. Guraso batzuk antisozial bat nintzela esaten hasi zitzaizkidan. Sandwich bat jatea erabaki nuen. Integratze aldera, gehien bat. Meloiak [2009/11/02] Hasieran ez nuen sinetsi nahi. Fake bat izango zela pentsatu nuen, egunero interneten zabaltzen diren gezur horietako bat, alegia. Haatik, Google guztiahaldunari esker jakin nuen hainbat egunkari txit seriotan argitaratu zutela berria, eta horrek ikaragarri lasaitu ninduen. Hartara, kontatuko dudana gezurra izanez gero, ez naiz ni barregarri geratuko den bakarra. Tira, kontua zera da, Espainiako zientzialari talde batek, zeinak dirutza lortu duen meloia ikertu ahal izateko, aurkikuntza harrigarri bezain kezkagarri baten berri eman duela orain dela gutxi. Antza, meloiaren genoma ikertzen aritu dira eta zera ondorioztatu dute, gizakiok eta meloiak –edo gizakiak eta meloiok, hala nahiago baduzue- antzeko-parezido gabiltzala gene kopuruari dagokionez. Aitor dut ez dudala piperrik ulertzen ez genez ezta genomaz ere. Eta aitor dut, halaber, txalogarria iruditzen zaidala meloi bat hartu eta berau pasioz begiratzeko gai den jendearen lana. Horregatik aholku bat eman nahi diet: Espainiako zientzialaria bazara, meloia ikertzeko lau miloi euro lortu badituzu, eta zure gustuko fruta hobetzeko lanean ari zarenean gizakia eta meloia ez direla hain ezberdinak deskubritzen baduzu, mesedez eta faborez, gorde aurkikuntza tiradera batean, eta segi lanean ezer gertatu ez balitz bezala. Gogoratu espainiarra zarela eta politikariek ematen dizkizutela ikertzen jarraitzeko sosak. Gai honetan, txantxak errazegi du bidea ezer onerako. Piratak [2009/11/26] Hasteko, esan dezadan izugarri poztu nauela Alakranako arrantzaleak etxera onik iritsi direla ikusteak. Uste dut nahita ere ezingo genukeela inoiz euren sufrikarioa imajinatu. Latza behar du zure bizitza ez dagoela zure eskuetan ikusteak, latza panpina bat zarela sumatzeak, latza politikariek jaurtigai gisa erabili zaituztela jakiteak. Eta latza behar du senarraren zain egoteak. Bihoakie, beraz, nire elkartasuna Alakranako arrantzaleei eta euren senitartekoei. Eta hau guztia esan eta gero, politikoki zuzena izateari utziko diot. Izan ere, nago hemendik aurrerakoa ez dela askoren gustukoa izango. Nortzuk dira Somaliako piratak? Haiek ala gu? Zergatik joaten gara Somaliara arrantza egitera? Zergatik egiten digute eraso? Zer pentsatzen dute bertako arrantzaleek piratez? Eta gutaz? Nire ustez, zurikeria galanta dago gai honetan. Kontatu digute zein gaiztoak diren piratak, zein krudelak, eta nolako tratu txarrak jasan dituzten marinelek. Egia izango da, ez dut dudarik. Ez digute kontatu, ordea, Somaliako uretan ez dagoela aginterik, ez dagoela arrantza-kuotarik, barra libre dagoela sekulakoak eta bi egiteko. Eta ez digute kontatu bertako arrain-bankuak akabatzen ari garela, atzera ere Europarrok Afrikara joan garela, zertara eta lapurtzera, beti egin dugun bezala. Sustatu.com orrialdean ikusgai dagoen bideo batean pozik ikusi ditut hango arrantzaleak. Eta ez nau harritzen. Haientzat geu baikara Somaliako piratak. Argiak [2009/12/10] Txokokeria bat dakarkizuet gaurkoan. Ñoñostiarkeria bat. Egia esan, uste dut gaiak oso motza duela katea, baina gaurkotasunari men egiten dion kronista naizen aldetik ezin nire hirian hautsak harrotu dituen afera albo batera utzi. Ez da nire errua donostiarrak horrelakoak bagara: hogei urte daramatzagu alkate berberarekin eta jada ez dakigu zertaz eztabaidatu. Kontua zera da, Donostiako alkate jaun txit betierekoak Gabonetako argiztapena ezabatu duela erdiguneko kaleetatik. Antza, kaleak gorosti-hostoz eta izarrez betetzea ez da batere merkea eta gastuak ahal den aurrekontutik murriztu behar dira krisiari aurre egingo badiote. Edo udal-funtzionarioen nominak ordainduko badituzte, udala txakur txikirik gabe dagoelako zurrumurrua bolo-bolo baitabil azken egunotan. Niri, egia esan, bost axola Gabonetako argiztapena jartzen duten ala ez, baina Kafkari diodan miresmenak bultzaturik edo, adi-adi entzun ditut alde bateko zein besteko argudioak. Zer gerta ere. Eta aurkitu dut, bai, perlarik. Perla ikaragarri bat, nolakoak garen argi asko erakusten duena, maila noraino jaitsi dugun azaleratzen duen perla bat. Nola definitu, bestela, “nire seme-alabek Gabon argidunak izateko eskubidea dute” argudioa? Nago gizarte honek ez daukala oso argi non dauden mugak. Eta hobe genuke hori lehenbailehen argitzea. Gure seme-alabei dena eskubidea dela pentsarazten badiegu, egunen batean larrutik ordainaraziko digute. Orgia [2009/12/17] (Berriako ikerketa sailak PPko eta PSOEko bi koadro ertaini grabatutako telefono elkarrizketa) – …ia zazpi ordu, Paco, zazpi! Gure telebistan! Nik, behintzat, argi zaukaat: Albertorekin hitz egin behar duk. – Ziur? – Jakina! Hura akelarre bat izan zuan, orgia hutsa! – Harritzen naik gure telebistak orgia bati zazpi ordu eskaini izanak… Tradizioz oso telebista jainkojalea izan duk, Antonio, eta gauzak ez dituk egun batetik bestera normalizatzen… Gainera pornoa ez zatorrek bat euskal izaerarekin… – Utzi pornoa, Paco, eta entzun: Albertorekin hitz egin behar duk, lehengo igandekoa onartezina duk. Bertsoak? Zakurraren biolinak! Zazpi orduz Euskal Herria gora eta Euskal Herria behera, presoak gora eta presoak behera... – Segi, segi… – Ez, ez, Segi-koak bakarrik ez, preso guztiak aipatu zitiztean. Imajina ezak, ariketetako bat kartzelakoa zuan. – Horretan esperientzia zaukatek… – Bai, Paco. Eta sari banaketan –harrapa ezak!- oholtzan nor agertuko eta Otamendi agertu zuan, Del Olmok itxitako egunkariaren zuzendari alproja hori, aste honetan bertan epaitu dutena. Eta mundu guztia bibaka eta txaloka! Hori terrorismoa goraipatzea ez bada, ez zakiat zer den. – Eta zer proposatzen duk? – Horrela, bote-lasterrean, nik gazteleraz kantaraziko niekek, ziegetan bezala, baina tira, ideia bat baino ez duk. Zorionez garaiz gabiltzak. Euskaldunak dituk, eta orgiak lau urtean behin egiten ditiztek… (Erredakzioan itzulia) Antinaturala [2010/01/21] Lurrikara batek suntsitu du Haiti, Amerikako lurralderik behartsuena. Hondamendi natural bat izan dela diote adituek. Sekulakoa. Eta barkatuko didazue baina, nire iritziz, Haitin gertatutakoari nahi adina abizen jar dakizkioke, baina horien artean ez dago natural hitza. Izan ere, Haitin gertatutakoa, ezer izatekotan, antinaturala baita. Ez, ez naiz ni horretaz jabetu den bakarra. Zorionez, gure mundu globalizatu honetako agintari txit eskuzabalak ere ohartu dira, eta behingoagatik azkar mugitu dira. Eta hemendik bertatik maiz egurra eman badiet ere, gaurkoan zoriondu beharrean nago. Bihoakie, beraz, nire txalorik beroena. Obama izan zen lehenengoa. Puerto Principera 69 miloi euro bidaliko zituela iragarri zuen eta handik gutxira zerrenda ikaragarri luzea zen. Zapaterok 4 miloi. Japoniak 5 milioi. Australiak 9 milioi. Nazioarteko Diru Funtsak –antzina hain zekena- 69 miloi. Guztira 270 miloi inguru jaso omen ditu NBEk, baina ziurrenik gehiago izango dira. Bai, ene lagunok, munduak ulertu du Haitiko hondamendia antinaturala izan dela eta horrexegatik iritsi dira oraingoan euroak eta dolarrak, laguntzak eta zorra barkatzeak, mailegu malguak eta banketxeen elkartasun kanpainak. Haitik altxatu behar du lurretik. Soilik horrela jarraitu ahal izango dute jaungoikoak agintzen duen legez hiltzen. Gosez, alegia. Mundu guztiak jakin baitaki Haitin naturala dena -zinez naturala- gosez hiltzea dela. Informalak [2010/02/11] “Reunion informal de ministros de competitividad”. Halaxe esan zidan nire mesanotxeko tabernariak, gaztelania txukunean. Non eta Donostian! Demontre! Txantxa behar zuela pentsatu nuen, ezinezkoa zela, baina hain ziur zegoen non azkenean sinetsi egin nion. Ez dizuet gezurrik esango: hasieran ilusioa eta guzti egin zidan. Eta ez da harritzekoa, gero! Halako batean, nola jakin gabe, “bilera”, “informal”, “ministro” eta “lehiakortasun” hitzak tai gabe hasi zitzaizkidan bueltaka buruan, halako moldez non, hitzak geldirik geratzen ziren une laburretan, esaldi zinez interesgarriak topatzen nituen. Nola zen kontua? Ministro informalek lehiatu behar zuten bilera batean? Bileretako informalek ministroekin lehiatu behar zuten? Lehiakortasun bilerek ministro informalak egin behar zituzten? Ala bilerek lehiatu behar zuten ministroekin era informalean? Ez dakit, ez dut ondo gogoratzen… Modu batera zein bestera, ilusioa egin zidan berriak, bai horixe! Are gehiago: kontuan hartuta asteburuan Kaldereroen konpartsak zein Inude eta Artzainenak atera behar zutela kalera, Europa osoko ministroak irudikatu nituen zartagina eta mailua eskutan zituztela, herri xehearekin bat eginik, kantu kantari… Baina gauzak zer diren, egun hauetan ez dut ministro bakar bat ere ikusi Donostiako kaleetatik. Hori bai, kolore guztietako poliziak, barra-barra. Pena da gero! Europako ministroek ez dute informal hitzaren esanahia ezagutzen… Zalantzak [2010/04/08] Batzuetan beraiek jokatzen duten moduan jokatu nahi nuke, beraien ziurtasunak eduki nahi nituzke. Batzuetan oreka popatik hartzera bidali nahi nuke. Batzuetan nire buruari ezarritako mugak suntsitu nahi nituzke. Haatik, zalantzak ditut. Gure alaba Garazik zera esan zidan orain dela gutxi, berak bazekiela non zegoen Jon, kartzelan egona zela, handik ihes egitea lortu zuela, eta harez geroztik Intxaurrondon zegoela. Zertan ez zekien, ordea. Garazik zazpi urte ditu eta auskalo zer-nolako bertsioak entzun dituen ikastolan Jon Anzaren heriotzaren gainean. Gero “Jon erail dute” zioten afixak ikusi zituen eta galdetu egin zidan. Zergatik hil dute? Nola hil dute? Ez nintzen erantzuteko gai izan. Nik nire bertsioa daukat Jon Anzaren heriotzaz. Ezin dut esan eta ezin dut idatzi, baina debekua arlo publikoari baino ez dagokio. Arlo pribatuan nire egia daukat, eta ez dago barne ministrorik kontrakoa sinestaraziko didanik. Zoritxarrez, hortxe bukatzen dira nire ziurtasunak han eta hemen ikusten ditugun kartelez Garazirekin hitz egiteko garaian. Zoritxarrez, lurralde batean bizi gara non hitzak terroristak edo iraultzaileak izan daitezkeen, non semantika bera gatazkaren partea den. Eta zalantzak ditut, ez baitakit zein den semantikarik egokiena, ez baitakit zeintzuk diren erabili behar ditudan hitzak. Maitasunaren kasuan ez dut dudarik, baina… zilegi al da nork bere gorrotoak eta ezinikusiak ondorengoengan ereitea? Egile eskubideez [2010/04/29] Ostiralean liburuaren eguna ospatu nuen nire lagun Felixekin. Ohi bezala, tabernaz taberna ibili ginen, jakina baita literatura eta taberna zuloak, gauza marjinalak eta gaizki ikusiak diren neurrian, primeran moldatzen direla elkarrekin. Halako batean, egile eskubideen aferaz eta saretik liburuak doan lortzeaz ari nintzela, Felixek zera esan zidan, berak bazekiela nola konpondu arazoa, eta erraza zela idazten diru apur bat lortzea. Nik ere bazakiat nola. Zoritxarrez, baina, Harry Potterrena ez zitzaidaan niri bururatu. Sekretua publizitatea duk, Xabi. Pelikuletan eta telebistako serietan askotan egiten ditek hori, Goenkalen bertan, urrunera jo gabe. Ez al haiz konturatu? Arralden denek irakurtzen ditek Gara egunkaria. Euskal Herriko herririk euskaldunenean inork ez dik Berria irakurtzen. Denek Gara. Baita -harrapa ezak!- Ertzaintzaren buruak ere. Ba, zuek, idazleok, halako zerbait egin beharko zenukete zuen liburuetan. Liburuak doan jarri eta egile eskubideak enpresek ordain ditzatela zuen testuetan han-hemenka zipriztindutako publizitatearen truke. Ez nuen jakin zer erantzun. Boteprontoan ergelkeria iruditu zitzaidan. Tabernariak ea besterik nahi ote genuen galdetu zidan. Bi Keler 18, noski. Eta urre zahar koloredun eta haritz berriko ukituak zituen garagardo apartsu hari begira, edari dotore eta tradizional hura dastatuz, pentsamendua berretsi nuen. Bai, duda barik, ergelkeria galanta zen. Laguntza [2010/05/27] Azken egunotan, sarean irakurritako albiste batek atentzioa eman dit. Antza, NASAkoak kezkaturik daude, eta laguntza eske hasi dira. Erdi aroko eskuizkribu misteriotsu bat darabilte esku artean aspalditik eta denbora luzean berau ikertzen ibili ostean onartu dute ezin dutela kodizearen hizkuntza ulertu. Voynich kodizeak –hala bataiatu dute, 1912an eskuizkribua erosi zuen liburuzale lituaniarraren omenez- hainbat arlo jorratzen ditu, hala nola, botanika, biologia, farmazia, sukaldaritza, kosmosa edota astronomia. Esan gabe doa azken biak direla NASAko ikerlariei gehien interesatzen zaizkienak, batik bat, bertan agertzen diren eguzkiaren, izarren eta galaxien marrazkiak. Zoritxarrez, egileak hizkuntza ulertezin bat erabili nahi izan zuen kodizea idazteko eta ez dago kristaurik testua ulertuko duenik. Niri, egia esan, urrunegi geratzen zaizkit hala eguzkiak eta izarrak nola kodize misteriotsuak, baina ezin duenari laguntza ematea gizalegea denez, posta elektroniko bat bidali diet NASAkoei. Jakinarazi diet Euskal Herrian baditugula guardia zibil batzuk ulertzen ez dituzten hizkuntzak itzultzen oso iaioak direnak eta beraiekin lehen baino lehen harremanetan jartzeko. Ados, zaila dute hizkuntzalariek lortu ez dutena lortzea, baina ziur nago jakingo luketela zer egin… Hamaika Harkaich, Arich, Garikoich, Iraich eta Larraich tratatu ostean, ez dut uste Voynich baten beldur izango direnik… Apokalipsia [2010/06/17] Irakurle maiteok, gaurkoan zutabe klasiko bat dakarkizuet: udaberriko azken Maratila! Ondo dakizuenez, Maratilagileok ikasturteko azkenaz baliatzen gara zuei agur esateko eta uda oparoa opatzeko. Badakit ez dela oso originala baina balekoa da: azken batean, zuek oporrak noiz iritsiko zain zaudete eta guk jada idatzi ditugu idatzi behar genituen guztiak. Beno, ia guztiak. Izan ere, niri urteroko mezu apokaliptikoa falta zait. Badakizue, kapitalismoa bukatzear dagoela, mundua pikutara doala, eta uda hasiera guztietan otu ohi zaizkidan mozkortzeko aitzakia –barkatu, erokeria esan nahi nuen- guztiak. Hori bai, aurtengoak oinarri zientifikoa dauka. Gogoratuko duzuenez, duela gutxi NASAkoei nire laguntza eskaini nien Voynich kodizea deszifratzeko. Ba, erantzun egin didate. Eta oso haserre daude. Antza, nik gomendatutako guardia zibilak ez dira gai testua itzultzeko eta orain kodizearen osotasun fisikoarekin kezkatuta daude. Eta hori gutxi balitz, lanez lepo daude eguzki-ekaitzen kontua dela eta ez dela. Diotenez, Eguzkian gertatzen ari diren ekaitzak gero eta handiagoak eta kezkagarriagoak dira, eta ziurrenik 2012an iritsiko da gure zibilizazioa suntsituko duen apokalipsi elektromagnetikoa. Bi urte falta dira, bai, baina izututa utzi naute NASAkoek. Eguzki-ekaitz perfektua! Hau ikara! Ez zait hori baino okerragorik bururatzen… Beno, bai… Espainiak munduko futbol txapelketa irabaz lezake… Egia [2010/09/23] Sentitzen dut baina aurten udako txostenik gabe natorkizue. Badakit bi hilabete hauetan parrandan ibili zaretela, olgantza ederrean, alberdanian, eta horrexegatik, hain zuzen ere, irrikaz itxoiten duzuela ikasturte hasiera guztietan txoko honetan egin ohi dudan laburpentxoa. Haatik, aspaldi honetan tristurak harrapatuta nauka eta aukeran nahiago dut uda honetakoa ahaztu. Izan ere, azkenean egia kontatu behar izan nion gure alaba Garaziri. Ez nuen nahi baina ez zidaten aukerarik eman. Eta dena futbol txapelketa madarikatu horrengatik. Inoiz edo behin aitortu dizuet zalantzak ditudala alabari gure zorioneko herri honetan gertatzen denaz hitz egiteko garaian. Orain arte gorrarena egin diet alabak han-hemen entzuten zituen berrien gaineko galderei. Beti ihesi, helduon semantika berezitik ihesi, gu kutsatu gintuzten hitzen zipriztinek bere lañotasuna pitza ez zezaten. Banekien ezin izango nuela alaba betiko babestu, egunen batean ezinezkoa suertatuko zitzaidala. Baina uste nuen unea atzeratu ahal izango nuela… Ni bai ergela! Eta azkenean, partidaren egunean, Garaziri begietara so egin eta zera esan nion: - Alaba maitea, egia jakiteko unea iritsi da. Bost axola telebistan zer dioten, bost axola lagunen iritziak… Saiatuko dira zu nahasten baina ez egin kasurik… Argi izan, alaba maitea…, zu… zu holandarra zara! Bazekiela erantzun zidan. Holandarra eta Errealekoa Malkoak xukatu ezinik ikusi nuen finala. Argia eta oroimena [2010/10/21] Pozez zoratzen, Txilek txalo egin zuen Florencio Avalos meatzariak argia ikusi zuenean. Pozez zoratzen, Txilek xanpainaz egin zuen topa Mario Sepulveda zulotik atera zutenean. Banan-banan meatzari guztiak azaleratu ziren, eta beraiekin batera harrotasun nazionala. Eta pozez zoratzen, presidenteak meategiaren zuloa itxi zuen, hurrengo hauteskundeak irabazteko adina boto emango dioten gertakariak berriro errepika ez daitezen. Eta orain, Atacamako basamortuko haize lehorrak banderak harrotzen dituen honetan, txiletarrak txiletarragoak dira. Egindako balentria betiko geratuko da txiletarren oroimenean. Atacaman bertan baina 500 kilometro gorago, Chacabucoko hondakinak hutsik daude. Behinola gesal-meategi bat izan zen. Gero Pinochetek kontzentrazio esparru bilakatu zituen langileen barrakoiak. Hara Roberto Zaldivar eraman zuten atxilo, eta han geratu zen baita diktadoreak infernua itxi zuenean ere. Roberto eta hildakoak izan ziren Chacabucon geratu ziren bakarrak. Han gertatutakoa kontatu beharra zegoen, eta Roberto oroimena pizturik mantentzeari lotu zitzaion harik eta orain dela gutxi hil zen arte. Violeta Berriosek ere han jarraitzen du, basamortua oinez korritzen. 30 urte daramatza bilatzen baina oraindik ez ditu senarra zuenaren hezurrak topatu. Orain 70 urte ditu eta, hala ere, ez du itxaropena galdu. Egunen batean lurraren azpikoek argia ikusiko dutela dio. Hogeita hamahiru atera dituzte. Milaka falta dira. Julian eta biok [2010/12/02] Duela urte batzuk ezagutu nuen Julian Assange, egunotan bolo-bolo dabilen Wikileaks atariaren zuzendaria. Montmartre-ko terraza batean izan zen, eta egia esan, gure topaketa kasualitate hutsa izan zen. Lanak eraman zuen Julian maitasunaren hiriburura noiz eta, hain justu, ni han oporretan nengoenean. Gure lagun komunek eta hiruzpalau mezu elektronikok jarri zuten hitz ordua. Julian eta biok adinkideak -71ko uzta bikaina izan zen- eta friki samarrak izanik berehala hasi ginen ondo moldatzen. Eta ez da harritzekoa, Julianek eta biok zaletasun ugari baitugu komunean. Bera kazetaria eta ni idazlea; bera hacker izandakoa eta ni ere bai –esan nahi baitut maisua naizela ordenagailuak izorratzen-; bera egiaren zalea eta ni –ondo dakizuenez- ere bai. Bai, Julian eta bion artekoak ondo funtzionatu zuen hasieratik eta agian horrexegatik egin zidan jaramonik. Bai, halaxe da. Berriako ikerketa sailaz eta Maratila honetan argitaratzen ditudan elkarrizketa hiper-mega-sekretuez hitz egin nionean kopeta argitu zitzaion. Gizajoa sor eta lor zegoen. – Eta argitaratzen dizkizute? Antza, berak ere elkarrizketa sekretu mordoa zeukan gordeta, baina, beldurraren beldurrez, inork ez zion ezer argitaratu nahi. Ea gurean argitaratuko ote genizkion galderari ezetz erantzun behar izan nion: egunkaria behin itxi digute eta ez nuen denon lana arriskuan jarri nahi. – Eta interneten? –proposatu nion. Pentsatuko zuela erantzun zidan. Felixen deia [2010/12/09] Nire lagun Felixek oso kezkatuta hots egin zidan joan den ostegunean. “Irakurri diat gaurko hire Maratila, eta gauza bakarra zaukaat esateko: motel, hi ez hago batere sano, gero eta pitzatuagoa duk kaskoa!”. Zer gerta ere, egongelako sofan eseri nintzen. Felixek jipoitu behar baninduen, aukeran hobe eserita egotea ezen ez zutik. “Baina nola bururatzen zaik Julian Assange ezagutzen duala lau haizetara esatea? Wikileaks oso gauza potoloa duk, potoloegia hiretzat eta niretzat. Ez al haiz konturatzen, Xabi? Morroi horrek heriotza-mehatxuak jaso ditik, denek garbitu nahi ditek, CIAk, FBIk, CESIDek baita Sursuncordak berak ere, eta hi kontua txantxetakoa balitz bezala, bere laguna haizela, berarekin egon hintzela Parisen… Burutik hago gero! Ataka zailean nengoen, baiki. Nola azaldu Felixi, era labur, zehatz eta samurrean, kazeta batean idatziagatik ez naizela kazetaria, idazlea naizela eta istorioak asmatzen ditudala, errealitatea moldatu ohi dudala unean uneko apeten arabera, eta testuinguru horretan kokatu behar zuela joan den astekoa. Gezurra zela, hitz batean. Ez zen erraza, ez, baina saiatu behar nuen. Haatik, azaltzen hasi behar nuen unean, zarata susmagarri batzuk entzun nituen telefonoan. Jarraian, klik bat entzun nuen eta handik gutxira hitz batzuk ingelesez. Durduzaturik, nire buruari galdetu nion ea noiztik zekien Felixek ingelesez. -Azkar, Xabi, eskegi telefonoa! –egin zidan oihu. PP Euskaltzaindian (I) [2010/12/23] (Berriako ikerketa sailak PPko bi koadro ertaini grabatutako telefono elkarrizketa) – …mundiala izan zuan, Paco. Mundiala! A zer-nolako barre algarak egin nituen! – Baina zer diok? Han bertan hasi hintzen barrez, ala? – Ez, motel, ez! Gu basko moderno eta normalizatuak gaituk, baina ez leloak: bazakiagu gizalegez jokatzen. Nola egin behar nuen barre, han, beraien aurrean? – Beraz, eutsi egin hion barregurari … – Ez pentsa erraza izan zenik. Gorriak ikusi nituen! Andoni ikusi behar huen han, denen aurrean… “Inork ez dezala zalantzan jar PPren gure hizkuntzaren garapenarekiko zein hazkundearekiko konpromisoa...” – Ez da izango! – Eta jarraian serio-serio: “Euskara babestea eta bultzatzea denon egitekoa da…”, eta Euskaltzaindiko presidenteak burua gora eta behera mugitzen zian, baietz, gurea ere bazela… Eta nik nora begiratu ez nekiela, algaraz lehertzeko zorian… – Ez nau harritzen! – Okerrena bukaera aldean iritsi zuan. Nik nire buruari esaten nioan: ez dik egingo, ez… ez duk ausartuko… mesedez, ez dadila ausart… baina badakik nolakoa den Andoni… zerbait kaskezurrean sartzen zaionean… – Zer egin zuen, ba? – PPren eredua Carlos Iturgaitz eta Laura Garrido direla esan zian. – Ikustekoak izango zituan euskaltzainen aurpegiak… – Ez zakiat, motel, nik arrapaladan egin nian ihes komunera … beheko solairuan zegoan eta ez diat uste nire algarak entzungo zituztenik… (Erredakzioan itzulia) 101230 PP Euskaltzaindian (eta II) (Berriako ikerketa sailak bi euskaltzain urgazleri grabatutako telefono elkarrizketa) – …mundiala izan zuan, Patxi. Mundiala! A ze nolako barre-algarak egin nituen! – Baina zer diok? Han bertan hasi hintzen barrez, ala? – Ez, motel, ez! Euskaltzainak gaituk baina ez gaituk leloak: bazakiagu gizalegez jokatzen. Nola egin behar nuen barre, han, beraien aurrean? – Beraz, eutsi egin hion barregurari… – Ez pentsa erraza izan zenik. Gorriak ikusi nituen! Basagoiti ikusi behar huen han, denon aurrean… “Inork ez dezala zalantzan jar PPren gure hizkuntzaren garapenarekiko zein hazkundearekiko konpromisoa... – Hori azala, hori! – Eta jarraian serio-serio: “Euskara babestea eta bultzatzea denon egitekoa da…” eta PPko guztiek burua gora eta behera mugitzen zitean, baietz, beraiena ere bazela, diskurtso hura benetan sinetsiko balute bezala… Eta ni algaraz lehertzeko zorian, nora begiratu ez nekiela… – Ez nau harritzen! – Okerrena bukaera aldean iritsi zuan. Halako batean “…eta PPren eredua egunerokotasunean euskaraz mintzatzen diren Carlos Iturgaitz eta Laura Garrido dira” esan zian Basagoitik. Ikusi behar huen bere aurpegia, Patxi… zeharo konbentziturik zegoan. Zeharo! ! – Eta zer egin huen? – Ezin nian gehiago jasan eta kalera joan ninduan barre egitera. Ez ninduan bakarra izan, eskailerak jaisten ari nintzela sekulako barre algarak entzun nitian beheko solairuko komunean… – Beste euskaltzain bat, seguru… (Erredakzioan itzulia) 50.000 [2011/04/28] (Berriako ikerketa sailak Espainiako barne-ministerioko bi koadro ertaini grabatutako telefono elkarrizketa) – …ez etsi, Candido, bazakiat lan nekeza dela, 50.000 lagun kutsatzaile gehiegi dituk, baina konfiantza erabatekoa diat hiregan… Baten bat aurkituko diagu Bilduren zerrendetan… Ea, hurrengoa… – Hau bai, Alfredo, ikusiko duk. Pertsona honek musean jokatzen zian egunero 1979ko hauteskundeetan Donostiarako zerrendan hamazazpigarren postuan zihoanaren bizilagunarekin. Eta okerrena zera duk, elkarri keinuak egiten zizkiotela hogeita hamaika zeukatenean. – Baina hori ez duk legezkoa! Eta duplexak zituztenean? – Sudurra alde batetik bestera mugitzen zitean. – Ostia hi!... Badugu frogarik? – Pertsona honek eta bere bikoteak herriko taberna batetik gertu dagoen elkarte batek antolatutako mus txapelketan txuleta pare bat irabazi zitean 1987an. – Txuletetan klenbuterolik bai? – Ikertzen ari gaituk baina oraingoz ezer ez. – Berdin duk, Candido, lan bikaina egin duk. Besterik? – Bilbon bazagok beste morroi bat zeinak Gernikako ANVko zinegotzi baten lehengusinarekin txortan egin zuen behin Bilboko aste nagusian… eta kondorik gabe! – Hori elkarkeria duk, argi eta garbi! – Horretan nagok ni ere… bi euskaldun txortan? Susmagarria gutxienez! – Primeran, Candido… McCarthy bera ere harro egongo lukek hitaz! – McCarthy? Zerrendetan ez diagu McCarthy-rik topatu. Hori nor da? Sinn Fein-eko bat ala? (Erredakzioan itzulia) Spanish Culinary Center [2011/10/06] Joan den astean, Basque Culinary Center ospetsuaren izen ingelesaren harira, honako hau zioen Anjel Lertxundik: “Nago ez ote gaituzten Basque Tontoland Center izeneko hiritarrak egin nahi…” Nire ustez, Tontoland-eko hiritartzat baino, tontotzat gauzkate jada. Hirurehundik gora ziren 8000 euroko matrikula ordaintzeko prest zeudenak, baina kalitatea bermatze aldera, soilik berrogeita hamasei ikaslerentzako tokia zegoen. No problem. Aukeraketa bat egingo dugu hautagaien artean. Eta hautatzeko irizpideak? Erantzuna Alex Beitiak eman zigun, BCCko zuzendari akademikoak: lehenik hizkuntza nibela begiratu dugu, bai ingelesekoa bai espainolekoa (sic). No problem. Ningún problema. Beraz, atzerritik etorritako ikasleei espainola exijituko zaie. Eta bertakoei, ingelesa. Eta euskara? Ohorezko toki bat utziko diogu gatzontziaren ondoan. Tontotzat gauzkate eta ez da harritzekoa. Hamaika aldiz esan digute eta, hala ere, ez dugu ikasten. Euskara ondo dago baina gure ikasleek benetan behar dutena ez da euskara, ezpada ingelesa. Eta Osakidetzarako balio duenak jatetxeetarako ere balio du. Ez du axolarik sukaldariak zein hizkuntzatan hitz egiten duen, kontua babarrunak puntu-puntuan egotea da. Spanish Culinary Center izen egokiagoa zatekeen, baiki, baina Basque jarri diote, ezagun baita limoizko goxoki bat nahikoa dela haur txikiari ziria sartzeko. Guri, euskal hiztun tontooi, bonboi bat prestatu digute. Trufazkoa. Becquer Iñakirentzat [2011/10/13] Erraza zuan, Iñaki maitea. Nahikoa huen Google-n begiratzea. – Eta Kontseiluko taliban horiek, nortzuk dira? –galdetu huen. – Eta hi, Iñaki Oyarzabal… nor haiz hi? – Ai, Iñaki, Iñaki… Artez eta iBerba Euskara Zerbitzuak, Berria Egunkaria, Elhuyar Zientzia Fundazioa, Elkar eta Gaiak Argitaletxeak, Editoreen eta Idazleen Elkarteak, Emun, EHE eta Topagunea, Bertsozale Elkartea, Ikasleen Gurasoen Elkartea, Ikastolen Konfederazioa, Itzultzaileen, Zuzentzaileen eta Interpreteen Elkartea, Euskal Konfederazioa, Gerediaga Elkartea, Goierriko Euskal Eskola, Hau Pittu Hau Konpartsa, AEK, IKA, Hitzez, Maizpide, Urrats eta Ilazki euskaltegiak, Hik Hasi, Jakin eta Karmel aldizkariak, Mendebalde Kultura Alkartea, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, Sortzen-Ikasbatuaz Elkartea, Udako Euskal Unibertsitatea, Udal Euskaltegietako Langileak eta Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkartea. Ikusten duanez, asko eta askotarikoak. Eta arriskutsuak. Ez naik harritzen beldurrak airean egoteak. Erraza zuan, bai, baina hik biderik motzena aukeratu huen, aspaldian ikasi baihuen parlamentuan egiten diren galderak pikutara doazela zuzenean, antzuak direla basektomia egin dutenen hazia nola. Eta horregatik, inork ez ziala erantzungo jakinik, ausartu hintzen galdera hura parlamentuan egiten: - Eta Kontseiluko taliban horiek, nortzuk dira? – Y tú me lo preguntas clavando en mi pupila tu pupila azul… – Talibán… eres tú! Egiaztapen bat [2011/12/01] Urtero, abendua iristean, galdera bera egiten diet euskaltegiko ikasleei. Inork ba al daki zer demontre ospatuko dugun datorren asteko zubi luzean? Gehienak konstituzioaz hitz egiten hasten zaizkit, Sortzez Garbiaren egunaz. Eta nik, besoak zerurantz eta imintzioka, ezetz eta ezetz, euskaldunok San Durango ospatuko dugula jaizubian, Durangon baitago gure Meka saindua eta urtero-urtero hara joaten garela denok erromes. Ikasleek barre egiten dute –didate?- zertaz ari naizen oso ondo ulertu gabe. Egia esan behar badizuet, ez nau harritzen. Izan ere, euskaraz bizi garenok, euskaraz idazten dugunok –edo abesten, twiteatzen, pentsatzen, amesten, dantzatzen… jar beza hemen irakurleak egokien deritzon aditza- ikusezinak baikara gure gizartearen zati ikaragarri handi batentzat. Bost axola zer egiten dugun. Bost axola sortzen dugun hori kalitatezkoa den ala ez. Euskal sortzaileok ikusezinak gara non eta gure etxean bertan. Ez galdetu nire ikasleei nor den Harkaitz Cano, nor den Maialen Lujanbio, nor den Xabier Montoia. Atxaga ezagutuko dute baina ez dute gure Lertxundi maitea ezagutuko. Alex de la Iglesia ezagutuko dute baina ez Kandido Uranga. Amaia Montero ezagutuko dute baina ez Kerobia. Gure jainkoak –Iban Zaldua handia da eta Mahoma bere profeta!–, gure jainkosak ez dira ezer beraientzat. Ikusezinak dira. Ikusezinak gara. Albaniako sortzaileak bezain. Eta hau, ene lagunok, egiaztapen bat da, ezen ez kexa bat. Diru-laguntzak [2011/12/22] Aste batzuk igaro dira Fernando Aramburu idazle donostiarrak euskal literaturaren alfonbra altxatu eta hango hautsak harrotu zituenetik. Euskal idazleek 208 irakurle dituzte, 503 gehienez jota. Euskal idazleak ez dira askeak, diruz lagunduta daudelako. Esan bazuen, esan zuen ba! Berehala munduko euskal idazle guztiok goratu zuten –genuen- ahotsa: sakrilegio, sakrilegio! Denak sutan, aizue. Zinez tamalgarria, nire ustez. Bai, ene lagunok, suminduarena egin dezakegu, egunkarietara gutun ireki bana bidal dezakegu, baina egiten duguna egiten dugula, gure erantzuna beti izango da tamalgarria. Izan ere, bikoteak beste batekin txortan harrapatzen zaituenean, ez dago ukatzea baino tamalgarriagorik. Eta Fernandok harrapatu gaitu! Zer egingo diogu ba! Harrapatu gaitu eta kitto! Zain egon naiz ea baten bat ausartzen ote zen baina koldarrak garenez –horretan ere Fernandok arrazoi-, denok isilik. Nik, ordea, ez dut arazorik aitortzeko diruz lagunduta nagoela. Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala, Pasaiakoa, Bilboko uren partzuergoa, Gormutuen elkarteak, Gehitu, Adegi, Reala, Arantza Quiroga, BBVA… uff, diruz laguntzen didatenen zerrenda hain da luzea… Eta ni bakarra banintz, tira, baina gaitza orokorra da eta frogak ditut. Galdetu, bestela, Harkaitz Canori ea nondik atera duen Donostiako kaleetatik gidatzen duen auto gorri dotorea… Euskal Herrian rock&rollak sekula dirurik eman ez badu, twistak are eta gutxiago… Metamorfosia [2012/01/26] Gregor Samsa berri bat bailitzan, nire lagun Felix eraldatzen hasi zen orain dela hiru aste. Kezkaturik deitu zidan telefonoz, ahalik eta azkarren elkartu behar genuela. – Betiko tabernan? Ezetz erantzun zidan, ez zuela tabernan elkartu nahi, ezin ginela betiko tabernan elkartu. Bere hitzek bainoago bere ahots tonuak izutu ninduen. Izan ere, Felixen ahotsa ezberdina baitzen, agure batena balitz bezala. Bere etxera hurbilduko nintzela esan nion. – Jada ez nauk Parte Zaharrean bizi, Xabi. Aieteko duplex-era iritsi, lorategi txiki baina apain bat zeharkatu eta han ikusi nuen, Audi 6 gorri baten ondoan, golf makila batzuk aztertzen. Galtza koadrodun batzuk zeramatzan eta jertse hori bat, lepo puntaduna. Zinez ikaratzekoa eszena, Kafkak berak ere nekez irudikatuko zukeena. Beldurrak airean zegoela esan zidan, ez zuela ezer ulertzen, golf makil haiek ikusi eta zulo batzuk jokatzeko gogo itzela sentitzen zuela. – Ez zakiat zer gertatzen ari zaidan, Xabi… Nik ere ez nekien. Eta, kezkatuta, erantzun baten bila hasi nintzen etxera iritsi bezain pronto. Alferrik, baina. Harik eta Joseba Egibarri irratian entzun nion arte. “Euskal Burgesia Berria Amaiurren eta Bildun sartzen ari da”. Orduan dena argi ikusi nuen. – Felix, sentitzen diat baina uste diat burges bihurtzen ari haizela. Eskerrak eman zizkidan baina ez kezkatzeko, hobeto zegoela eta jarraitu behar zuela jokatzen. Birdie bat lortzear omen zegoen. Omenaldia [2012/03/22] Koadrilako afaria bukatzen ari ginela, nire lagun Felix altxatu eta sardexka edalontzi baten kontra hasi zen astintzen. Balantzaka ez, baina argi zegoen apur bat mozkorturik zegoela. “Ene lagunok, koadrila maitea, inoiz ez da beranduegi. Gure ondoan, Xabier Etxaniz Rojo dugu, idazle ona eta pertsona hobea. Xabier eta bere pipa betierekoa. Eta nire ustez bada garaia Xabierri eta bere pipari inoiz egin ez diegun eta merezi duten omenaldia egiteko. Izan ere, Xabierren pipa tabakoa ez da, soilik, herentzia beneragarri bat, ezpada bizirik dagoen ohitura bat eta, horregatik, bere duintasun kulturala denoi dagokigun eginkizuna da. Euskadin, bortizkeria amaitu den honetan, denok erre nahi dugu, baina denon artean, askatasunean, izan dadila Xabierren pipa tabakoa elkar hartzeko eta elkarbizitzarako bidea eta aitzakia. Beti ere, tabernatik at, jakina. Lagunok, Xabierren pipa ez da horma bat, ezpada zubi bat. Eta etorkizuna du zain.” Non sartu ez nekiela, txalotu egin nuen. Hurrengo egunean, hots egin nion nire lagun Felixi. – Felix, hiri ez zaik tabakoa gustatzen, ez dakik pipatzen, ez duk inoiz pipatuko eta bost axola zaik pipa erretzaileon mundua. Zertara zetorren atzokoa? – Arrazoi duk, Xabi. Ez zakiat zer gertatu zitzaidan. Lasai nengoan afaltzen eta, halako batean, RAEk euskarari egindako omenaldian Espainiako Hezkuntza Ministroaren hitzak etorri zitzaizkidaan gogora. Eta derrepentean zutitu ninduan… Ospakizunak [2012/05/10] Larunbata. Goizeko hamaikak. Gure alaba Garazik hockey partida dauka Eskola Kirola programaren barruan. Aurreko astean 21-1 galdu zuten eta, animatzeko, gaurkoan emaitza hobea lotuko dutela esan diot. – Hobeto egingo duzue, ziur! Haatik, zelaira iritsitakoan zalantzak agertu zaizkit. Izan ere, arerioek ikastetxe pribatu eta elitista baten kamiseta baitaramate. Hiriko gaina eta lorea, the crème de la crème, kalitatearen urrezko Q-a… Alak begira gaitzala… txandala eta guzti daukate! Partida hasi bezain pronto iritsi dira golak. Garaziren taldeak hobetu du jokoa, baiki, baina, hala ere, ez da nahikoa izan eta emaitza 6-1 da atsedenaldian. Partida erabakita, golen ospakizunetan jarri dut arreta. 4 zenbakidun txikitxoa eta 9 zenbakiduna zein baino zein ari dira gol ospakizun originalena egin nahian. Dantza bitxiak, korrikaldi eroak, keinu absurduak, baita agur militar gustu txarrekoren bat ere… Haatik, 9 urte baino ez dituzte: gazteegiak dira keinuok naturalak izateko. Baten batek azaldu beharko lieke jatortasunaren eta errespetu faltaren arteko muga mehea dela oso. 12-6 galdu dugu. Eta ni pozarren. Alde batetik, jipoia ez da aurrekoa bezain latza izan eta, bestetik, Garazik sartu du taldearen azken gola. Ia-ia nahi gabe, baina gola. Garazik buelta eman du, zer egin ez dakiela, ia lotsaturik, gola sartzeagatik barkamena eskatu beharko balu bezala. Golak berak baino, ospatzen jakin ez izanak poztu nau. Argi urdinak [2012/10/04] Ene lagunok, gaurkoan argi eta garbi esango dut hasieratik: Mayor Orejak arrazoia dauka. Eta kitto. “Astakeria galanta da manifestazioetako istiluak telebistan ematea” esan zuen eta bete-betean asmatu zuen. “Poliziak eta manifestariak elkar joka ikusteak parte hartzera bultzatzen du”. Egia berdaderoa, baiki! Nik neuk ondo frogatuta daukat. Enpirikoki, gainera. Eta ederki damututa nago. Dena larunbat gauean gertatu zen. Nire lagun Felix eta biok betiko tabernan geunden. Bezero gutxi –krisiari esker- eta haiek denak kalean -tabakoaren kontrako legeari esker-. Gu, ordea, taberna barruan, auskalo zenbatgarren garagardoa hartzen, telebistako futbolari so. Partida bukatuta, tabernariak telebistako kanala aldatu zuen, eta han agertu ziren Neptuno plazako manifestariak eta poliziak, borrak eta hesiak, anbulantziak eta kazetarien kaskoak. Eta argi urdin hipnotiko haiek… Mayor Orejak arrazoi, bai, ikuskizun hari begira sartu baitzitzaidan parte hartzeko gogoa. Gogo itzela. Bost axola nola, bost axola zertan. Pankarta bat hartu eta edozer oihukatzeko gogoa nuen. Lurrean esertzekoa. Edozer. Telebistan, polizia manifestariei oldartu zitzaien. Eta nik zerbait egin behar nuela sentitu nuen. Baita egin ere. Sekulako ostia eman nion nire lagun Felixi. Gero, lurrean zegoela, atxilotzekotan egon nintzen, baina alde egiten utzi nion… Errukia, akaso? Ez dakit… Oraindik ez dut ulertzen… Argi urdin madarikatu haiek… Enplan [2012/11/08] Berriki jakin dut Wert ministroak debekatu nahi diela ikastetxeetako ikasleei greba egiteko eskubidea. Antza, ikasleek protesta egitea bainoago piper egitea dute buruan. Eta nik, ikasle asanblada askotan ibilia bainaiz, badakit Wert ministroak arrazoia duela, helburua piper egitea dela beti. Alabaina, Wert ministroarekin bat etortzeak ez du zerikusirik gazteek piper egiteari dioten zaletasunarekin ezpada heziketarako askoz ere arriskutsuagoa den gaitz batekin: Enplan gaitzarekin, hain zuzen. Enplan gaitza ikastetxeetan sortzen den gaitz neurologiko-linguistiko latz bat da. Gaixotasun honek hitz egiteko gaitasunari eragiten dio, halako moldez non kutsatuta dagoen gazteak enplan lelo gogaikarria erabiliko baitu esaldi guztietan. Berdin du zein hizkuntzatan –euskaraz, gazteleraz edota euskañolez- ari den: gaixoak beti eta nonahi erabiliko du enplan hitza. Adibide batzuk jartze aldera: “Bihar koadrilako afaria egingo dugu enplan bokata”. “Evari deitu diot enplan guay”. “Kriston pedoa harrapatuko dugu enplan guarro”. Enplan gaitza airez, sexu-harremanez, begiradaz eta espiritu santuaz kutsatzen baita, zerbait egin beharra zegoen, eta nire ustez Wert ministroaren debekua oso baliagarria izan daiteke izurrite honen kontra. Are gehiago: ikasleen asanbladak ez ezik, hiru lagun baino gehiagoko bilkura oro ere debekatuko nizkieke 16 eta 99 urte bitarteko gazte guztiei. Beti ere, PPren erara, enplan demokratikoa… Banaketa [2012/11/15] Bizitza zer den! Joan den astean Wert ministroaren proposamen ausart eta demokratikoak txalotzea egokitu zitzaidan, eta gaur ere Espainiako Gobernuko beste ministro baten bertuteak eta dohainak goraipatu beharrean nago. Baten batek koipekeriatan ibiltzea leporatuko dit, baina Maratilagileok egiari zor gatzaizkio eta ez da nire errua bi ministrok gauzak ondo egiten badituzte bi aste segidan. Kasualitate hutsa da. Natorren harira, baina. “Aurrekontu hauek historiako sozialenak izango dira” esan zuen Montoro ministroak orain dela hiru bat aste Espainiako parlamentuan. Segundo bat geroago oposizioa sutan zegoen. Arrazoirik gabe, noski, Montorok ez baitzuen gezurrik esaten. Gehiegi arakatu gabe, adibide argi bat topatuko dugu istiluen kontrako materialaren atalari dagokion aurrekontuan, zeina %1780 igoko baita agintaldi honetan. Guztira 10 milioi euro inbertituko ditu Espainiak kaskotan, peloterotan, gomazko pilotatan eta borratan. Eta, ene lagunok, ez al da dagoen guztia denon artean eta inolako diskriminaziorik gabe banatzea aurrekontu sozial baten ezagugarririk behinena? Ba horixe bera egingo dute, dagoena denon artean banatu. Banaketa sistema zehaztuta ez badago ere, hiritarrok ez dugu zertan kezkatu: denontzat egongo da. Beraz, lasai: nork bere borra-zartakoa jasoko du. Nork bere gomazko pilotakada. Deskuiduan, adeitasunez eta maitasunez eskainia. Ni irrikan nago, nirea noiz jasoko. Ahalera [2012/12/27] Gobernu espainolaren EAEko ordezkari Carlos Urquijok Donostiako Udala salatu du Txillardegiri hiriko domina ematea terrorismoaren gorazarrea izan litekeelako. Eta arrazoi du. Izan ere, Txillardegi saritzea terrorismoari gorazarre egitea izan liteke. Eta, era berean, Txillardegiri domina bat ematea euskal azentuaz gehien zekienari gorazarre egitea ere izan liteke. Edo, auskalo!, euskaraz idatzitako eleberrigintza modernoaren aitzindarietako bati gorazarre egitea ere izan liteke. Eta, Txillardegi euskara batuaren sortzaileetako bat izan baitzen, euskara batuari gorazarre egitea ere izan liteke, jakina. Alabaina, denok dakigu Txillardegi ETAko sortzaileetako bat izan zela. Beraz, Txillardegiri domina bat ematea ETAri domina bat ematea ere izan liteke. Eta Carlos Urquijok, zeinak bere lana ondo baino hobeto egiten duen, zera pentsatu zuen: “argumentu guztiak dira susmagarriak, bai, baina salatzekotan, jo dezagun ziurrenera. Eta ETAren kontu hori salatzea erabaki zuen. Badaezpada. Ondo pentsatua. Izan ere, izan, izan liteke. Ez da. Baina izan, izan liteke. Hori du txarra ahalerak, bi aukera eskaintzen dituela eta ez dela erraza beti asmatzea. Batzuetan bale eta bestetan kale. Niri neuri horixe pasa zitzaidan Urquijoren izendapenaren berri izan nuenean. “Tipo burusoil hau –pentsatu nuen-, aurpegi lelo horrekin eta begi horiekin, burmuinik gabeko bisigu bat ere izan liteke”. Bistan da oker nengoela… Hamar urte eta egun bat [2013/02/21] Hamar urte eta egun bat. Pelikula amerikarretako zigor bat dirudi. Hamar urte eta egun bat Alcatrazen. Edota Cincinnatiko presondegi federalean. Hamar urte eta egun bat. Milioi bat dolar faltsutu eta epaileak, ttak!, hamar urte eta egun bat. Buru-berokia jantzita eta pistolaz josita sartu Bank of Americako sukurtsal batean eta -tartean hildakorik ez badago, behintzat-, ttak!, hamar urte eta egun bat. Hamar urte eta egun bat. Jakin nahiko nuke zer egiten ote duten presoek egun bakar horretan. Hamar urte eta egun bat. Pelikula amerikarretako zigor bat dirudi baina ez da. Pelikula espainiarretan ez dituzte horren erraz harrapatzen gaizkileak. Itzal berde bat izan zaitezke Andoainen. Borrero beltz bat izan zaitezke Madrilgo estolderietan. Toga beltz baten jabea izan zaitezke estolden gaineko justizia jauregietan. Berdin du. Hamar urte eta egun bat. Ez duzu sekula entzungo zigor hori. Ez ttak! eta ez danba! Mailu-kolperik ez zinema espainiarrean. Hamar urte eta egun bat. Edo alderantziz. Egun bat eta hamar urte. Egun bakarrean suntsitu baitzuten Acebesen lagunek Euskaldunon Egunkaria. Bahitu ziguten egunkaria. Bahitu gintuzten eta izan gaituzte preso. Hamar urte eta egun bat. Jakin nahi nuke zer egin ote dugun presook… Ez, ez… Zoritxarrez, badugu horren berri. Berria eraiki. Berria eraiki. Pozgarria behar luke baina negargura ematen du. Hamar urte eta egun bat. Gaizkileak kalean daude oraindik. Ai ene! [2013/02/28] Bagoaz ala bagatoz? Joan den astean bertan aritu zen Santi Leone honi buruz, eta badakit sare sozialetan ere -ez nik nahi bezain sutsu- aritu direla. Baina motz geratu gara eta horregatik ekarriko dut eztabaida atzera ere plazara. Euskaldunok orgasmora iristean… bagoaz ala bagatoz? Horra erabaki beharrekoa! Hil ala bizikoa da, gainera! Baten batek esango dit badagoela premia larriagorik, krisia, bakea, hura eta bestea. Alabaina, ziur nago ezen, oinarrizkoetan ados jarri ezean, ez dugula sekula aurrera egingo eta, zer nahi duzue nik esatea, biztanle gutxiegi gara ohe kontuetan gaizki moldatzeko… Beraz, jar gaitezen ados: edo bagoaz, edo bagatoz, baina –eta hau ez bedi literalki har- denok batera. Eta denok esatean, horixe esan nahi dut: denok busti gaitezen. Esan gabe doa azken esaldia ere ez dela hitzez hitz hartu beharrekoa. Ni, lagun askoren amets hezeen sorburua naizen aldetik, prest nago eredu izan eta eztabaida bero honen aurrean nire jarrera lau haizetara zabaltzeko. Jaun-andreok: ni banoa. Eta zuek? Duda barik, egokiena –eta kitzikagarriena- eztabaida Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan jarraitzea litzateke. Nik zer dakit, Pello Urizar Arantza Quirogari –bi aipatzearren- “ni banoa, nirekin etorri nahi?” galdezka ikustea berradiskidetzen ari garelako seinalerik argiena litzateke. Ene! Irudikatzen hasi eta… hau beroa! Ai ene…! Irudikatzen hasi eta… Ai ene… uffff! ! Ai ene…!! Joango naizela uste dut… Korrika egitea eta korritzea [2013/03/14] Nire lagun Felixek dio motz geratu nintzela euskaldunon orgasmoei buruzko zutabean. Benetako eztabaidaren muinetik urrun geratu omen nintzen. Eta, antza, nire ekarpena antzua izan zen. Argi dago nire lagun Felixek badakiela min egiten… “Oso ondo, Xabi, hi orgasmoan bahoa, eta ni banatorrek. Eta zer? Eztabaida beste bat duk. Eta nire iritzia jakin nahi baduk, AEK-ko hire lankideak ere ez dituk fin ibili KORRIKAko leloa aukeratzeko unean.” Bai, ni ere zuek geratu zareten bezala geratu nintzen, zur eta lur, AEK eta euskaldunon orgasmoak lotzen zuen lotura hura ikusi ezinik. “Eman euskara elkarri baino askoz erakargarriagoa eta egokiagoa lukek Eman plazerra elkarri! Euskara beti lotzen diagu lanarekin, militantziarekin… Euskara nekearen sinonimoa duk, korrika egin beharra zagok bere alde. Alabaina, korrika egitea eta korritzea ez duk gauza bera… eta baduk garaia euskara plazerrarekin lotzeko, bai horixe! Euskara plazerra izango duk edo ez duk izango, Xabi. Euskara lan-munduan sartu behar diagu, bai… unibertsitatean, prentsan eta enpresetan… baina baita izara azpian ere. Euskaldun guztiok euskaraz mintzatuko bagina ohean, euskarak izugarri egingo likek aurrera. Berdin zaidak norekin eta nola, emaztearekin, maitalearekin, senarrarekin, zuka, hika eta berorika… Ohe-hizkuntza, Xabi… ohe-hizkuntza behar dik euskarak…” Felixekin hitz egin ostean, Korrika badator leloak beste esanahi bat du niretzat… Inbentariorako [2013/03/28] Badira zutabe batzuk inbentariorako egiten direnak. Aktan jasota gera daitezen, besterik gabe. Su artifizialik gabeko zutabeak. Lore-jokorik gabekoak. Esan beharrekoa esan, eta aurrera. Gaurkoa horietakoa da. Irakurle maitea, gaurko zutabe honetan ez duzu dagoeneko ez dakizunik aurkituko. Jakin badakizu ez gaituztela maite. Ez Espainiak ezta Frantziak ere. Ez zu ezta ni ere. Haientzat arraroak gara. Barbaroak. Hizkuntza arraro batean bizi gara eta ezin dute ulertu. Maite gaituztela diote baina ez da egia. Antigoaleko senarrak dira, australophitecus hutsak. Kalean estatua eder, etxean otzan, eta ohean puta. Horrela maite gaituzte. Zorionez, liberatzen ari gara. Jada ez dugu behar beraien onespena behar, eta eskatu ere ez dugu eskatzen. Ez dugu behar, ez dugu nahi, ez dugu bilatzen eta, gainera, bost axola zaigu. Alabaina, gauza batzuk esan egin behar dira, inbentariorako besterik ez bada ere. Imajinatzen al duzue Korrika gazteleraren edo frantsesaren alde? Zenbat minutu eskainiko liokete Espainiako telebistek “Corriendo” bati? Zenbat portada egunkarietan? Zenbat denbora eskainiko liokete kazetariek munduan beste inon egiten ez den, milaka eta milaka lagun biltzen dituen, hamar egunez lo egiten ez duen, eta sekulako dirutza lortzen duen festa erraldoi bati? Arestian esan bezala, guri bost. Beraien ez-axolak ez digu batere minik eragiten. Ez kexa, ez lantu, ez negar. Soilik inbentariorako. Ekonomia klaseak [2013/04/04] Nire lagun Felix triste antzean agertu zitzaidan joan den larunbatean. Antza, ilobak zaintzen pasa zituen arratsaldea eta zazpi urtekoari errieta egin behar izan zion. – Ez nagok ohituta, Xabi. Gogorra izan duk baina Anderrek ekonomia klase bat behar zian eta neuk eman zioat. Garagardo bana eskatu eta kontatu zidan gertatutakoa. Dirudienez, ikastolako lagunekin futbolean ari zirela hasi zen eztabaida. Batzuek Bartzelona izan nahi zutela, besteek Erreala, Urlia Messi zela, Sandiak Xabi Prieto nahiago zuela, hura eta bestea. – Eta hara non, gure Anderrek Espainia izan nahi zuela esan ez dik ba! Odola hormatu zaidak, Xabi, hormatu! Ikustekoa zen, baiki, nire lagun Felixen aurpegia, baloikada bat potroetan eman izan baliote bezala… – Hurbildu natzaiok eta saiatu nauk lasai hitz egiten. “Ez al duk Alemania nahiago?” galdetu zioat. “Onenak dituk futbolean, askotan irabazi ditek mundiala” esan zioat. Eta Anderrek ezetz. Gero “Marca España”-z hitz egin zioat, ez zitzaiola komeni Ander eta España esaldi berean agertzea, egunen batean damutuko zitzaiola. Eta Anderrek, temati, ezetz. Gero langabeziaz hitz egin zioat, PIGS-ez, Barcenas-ez eta etorkizunik gabeko lurralde bati lotuta egoteak etorkizunean ekarriko dizkion ajeez. Eta berak ezetz. – Eta zer egin duk? – Baloiari sekulako ostikada eman eta sasi artera bidali. Bazekiat, denei izorratu zieat arratsaldea baina batzuetan osaba batek osabaren papera jokatu behar dik… Silogismoak [2013/04/11] “Zuria baldin bada eta botila batean baldin badago, ez dago zalantzarik: esnea behar du izan.” Horixe pentsatu zuen Antonio Basagoiti jaun txit zoliak “Kaleratzeak STOP” plataformako prentsaurrekoa ikusi zuenean. Kamiseta horiek, hitz egiteko modu hori, denak bozeramalearen atzean… Batasunoen agerpen tipikoa zen, agerpeña bat, hain argia non Kale Borrokalari Onaren eskuliburukoa ematen zuen. “Batasunoek hitz egiten duten bezala hitz egiten badute, beraiek bezala janzten badira, eta gure kontra jotzeko garaian batasunoen teknikak erabiltzen badituzte, ez dago zalantzarik: Batasunoak dira. Eta Tasio Erkiziaren txapela stop seinale baten gainean agertzea zuen frogarik behinena. Ezin zuen esan, noski, kaleratzeen kontrako plataformakoak terroristak zirela, Antonio Basagoiti ez baita leloa, zolia bai, baina leloa ez, eta bere silogismoa azaltzeko modua aurkituko zuela deliberatu zuen jarraian. “Batasunoek kutsatuta daude” Basagoitik bezala, nik ere gustuko ditut silogismoak. Urrunera jo gabe, lehengoan, Galiziako presidente Nuñez Feijoo narkotrafikante ospetsu baten konpainian oporretan zegoeneko argazkiak ikusi nituenean zera bururatu zitzaidan: “Narko baten itsasontzian pasatzen baditu oporrak, narko baten bainujantziak erabiltzen baditu, eta argazkietan narko baten posea baldin badauka, ez dago zalantzarik: Nuñez Feijoo PPkoa da.” Bai, badakit ezin dudala esan, baina pentsatu, horixe pentsatu nuen… Amets hezeak [2013/06/13] Nire lagun Felixek dio aurtengo Maratilek kutsu erotiko-festibo handiegia izan dutela. “Ezta orgasmo betiereko batean biziko bahintz ere!”. Ez, ez naiz orgasmo betiereko batean bizi, baina hemeroteka errepasatu ostean ohartu naiz Felixi ez zaiola arrazoirik falta. Hori bai, ez da berariaz hartutako erabakia izan. Ohartu gabe, aurten erotismoak ihes egiten dit. Eta ez dakit zergatik. Nire lagun Felixi kasu egitera, erantzun guztiak ametsetan daude. Ez dakit hala den ala ez, baina egia da azken bolada honetan amets erotikoek sarri egiten didatela bisita. Aste honetan bertan, esaterako, Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburua hasi zait agertzen ametsetan. Eta, ametsetan, belarrira xuxurlatzen dit ez duela Wert ministroaren legea inola ere ezarriko gure eskoletan. Edozer egiteko prest dagoela. – Edozer? – Bai, edozer – Baina legeak ez al zeuden betetzeko? – Neu naiz legea –erantzuten dit borra bat laztantzen duen bitartean-. Bat-batean, ametsak salto egiten du. Eskola bateko patioan gaude, herri-harresi bat dago, Aske-Gune bat, eta denak daude lurrean etzanda: Uriarte, Urkullu, Egibar, Ortuzar, Mintegi, Urizar… denak Wert Ministroari aurre egiten eskolara sar ez dadin. Eta beltzak haien gainean, altxatzen, atzetik heltzen, gorputz anabasa batean… Denak nahasturik, irrintzika, ferekatzen, borra-festa amaigabean, elkarri egurra ematen… Arestian esan bezala, erotismoak ihes egiten dit. Aste honetan hirutan… Abisua [2013/09/19] Lizarrustihistango mendi artean nengoela jakin nuen. Oporretan nengoen, patxada ederrean, eta bat-batean, bihozkada txiki bat sentitu nuen, aieru sotil bat. Orduantxe jakin nuen: “hurrengo abisua hiretzat izango duk”. Egia esan, aurreikusteko modukoa zen. Lehenik Bilboko jaietako txupinaren afera. Handik gutxira, Laudioko jaietako pregoilariarena. Berriki Pirritx eta Porrotx ETBn ez agertzeko eskaera. Euskal Herrian jendilaje asko dago eta Carlos Urquijo jaunaren hatz txit erakusleak denak seinalatzen ditu. Nire lagun Felix jomugan agertzea denbora kontua baino ez zen. Bai, ene lagunok, Espainiako erregeordea den Carlos Urquijok abisu bat bidali dit non nire lagun Felixen abenturez ez hitz egiteko eskatzen didan. Antza, Felixen curriculuma delitua da. Per se eta goitik behera. Txosnetan koktelak hartzeko ohitura hura, mendira behin eta berriro jotzeko tema, Kontxako hondartza abordatzearen kontua, onanismorako bere joera independentista hori… Tipo arriskutsua, ezbairik gabe, edozein demokratari ileak lazteko modukoa. Felixek errealitate partziala, desitxuratua eta zitala erakusten du eta kalte konponezinak eragin diezazkioke bere hitzak entzuten dituenari. Ni neu omen naiz horren froga. Abisuaren berri eman diodanean ez kezkatzeko esan dit. Jaramonik ez egiteko. Existituko ez balitz bezala egiteko. Kojon Prietokoek aldarrikatzen zutena aldarrikatzeko: “¡Que viva el amor!” Kasu egingo diot. Justua [2013/10/24] (Berriako ikerketa sailak Espainiako Justizia Ministerioko bi funtzionario ertaini grabatutako telefono elkarrizketa) – …ba, zer nahi duk nik esatea, Jorge, ez diat oso ondo ulertzen… Justua da ala ez da justua? – Alberto, mesedez… – Justua duk… – Justuen artean justuena. – Eta orduan zergatik askatu dugu terrorista nazkante hori? – Estrasburgoko auzitegiko epaileek zuzengabea dela ebatzi dutelako. – Beraz, zuzengabea duk… – Ez, Alberto, Estrasburgoko epaileek legearen interpretazio okerra egin ditek. Gurea duk interpretazio zuzena. – Beraz, interpretazio zuzena gurea duk, eta ez Estrasburgoko epaileena. – Bai horixe! Eta interpretazio zuzena, hain zuzen ere, zuzena duk gurea delako. Eta gurea denez, justua duk. Ulertzen? – Ez, egia esan behar badiat, ez diat ikusten zuzena eta justuaren arteko lotura. – Joder, Alberto… hi ez haiz ETAkoa izango, ezta? – Ez, noski! – Ziur? Eta Estrasburgokoa? – Ez. – Ba argi ibili, ze hau ulertzen ez duena, bietako bat, edo ETAkoa edo Estrasburgokoa… – Ezetz, ba, ni Zamorakoa nauk – Gainera, ze demontre!, dena askoz errazago duk. Terroristek behin zigorra bete ostean, nola lortu, ze tresna erabili kartzelan usteltzen jarraitzeko, ein? Nola luzatu ad eternum gure zigor politika, ein? – Parot doktrina? – Horixe bera, hain justu. Horixe zuan, justu, guk behar genuena… – Justu hori… – Ikusten? Lehen ere esan diat justua zela… – Horrela interpretatuta bai… (Erredakzioan itzulita) Arima [2014/05/22] (BERRIAko ikerketa sailak zutabegile bati grabatutako telefono elkarrizketa) – ...barka beza berorrek, Deabru jauna... Bere gorentasunari zin egiten diot erabat ahaztu dudala elkarrizketa hura... Adinak ez du barkatzen... – Hi haiz, hi! Literato eskasa izateaz gain, memoria eskasekoa... Kalamidadea halakoa! – Nik errespetuz hitz egin diot... – Isil hadi, memeloa! Ez al duk gogoratzen hire ametsa betetzeko eskatu hidala? Ez al duk gogoratzen erreguka etorri hintzela niregana? "Zutabegile on bat izan nahi dut" esan hidan. "Bizitza osoa pasako nuke zutabeak idazten" esan huen. Edozer emateko prest omen hengoen. Eta nik esan nian beteko nuela hire desioa. Hire arima baino ez nian eskatu trukean... Gogoratzen? – Bai, orain bai. – Eta hik ezetz, arima bakarra huela... zekena haiz gero! – Arimaren ordez nire piparik onena saldu nion, 1951ko Dunhill bikain bat... – Benetan ez huen pentsatuko pipa bat nahikoa izango zenik, ezta? Kexatuko haiz, gainera! Dunhill horri esker 401 Maratila idatzi dituk. -–Gutxi ene uste apalean... -–Marka duk gero! Ate denentzat dauzkak hik maratilak, ezta? Ba sentitzen diat. BERRIA berritu behar ditek, eraldatu, modernizatu... Berritu ala hil, txikito! Hire garaia bukatu duk. Mesedez, jaso hire gauzak eta itzali argia ateratzean. -–Lastima... – Eta gogoratu: datorren ostegunean azkena... – Galderatxo bat, Deabru jauna... Oraindik interesatzen al zaio berorri nire arima...? – Hoa popatik... Dimisioa [2014/05/29] Nire lagun Felixek abisatu zidan eta nik kasurik ez. "Kontuz hire BERRIAko ikerketa sail ospetsu horrekin. Hik sortu huen, bai, baina ihes egin dik eskuetatik. Munstro bat duk eta, gutxien espero duanean, hi heu zelatatuko haute...". Ohi bezala, Felixek arrazoi. Bai, ene lagunok, joan den astean hemen argitaratutako guztia egia da. Duela hamar urte Deabruarekin berarekin hitzartu nuen ostegunero txoko honetan idazteko aukera. Nik bizitza osorako kontratua nahi nuen, baina, trukean arima eskatu zidanean, gehiegi iruditu zitzaidan eta pipa bat saldu nion. Hasieran tratu ona iruditu zitzaidan. Bai, badakit: idazle gisa auskalo baina negozioetan ez daukat batere etorkizunik. Ilunpeetako Jaunarekin negoziatu nuen, bai. Jakin banekien jukutria hura ez zegoela ondo, ez zela batere itxurosoa, baina aurrera egin nuen. Ez nago harro baina ez naiz damu. Izan ere, pribilegioa izan baita gure egunkarian 10 urtez idaztea. Pribilegio itzela. Mila esker bihotz-bihotzez. Ziur naiz aitorpen honek ondorio txarrak ekarriko dizkidala etorkizunean. Eta ziur naiz, halaber, gaiztoak aitorpen honetaz baliatuko direla ahalik eta minik handiena egiteko. Horrexegatik dimisioa ematea erabaki dut. Dimisioa. Atzeraezina eta baldintzarik gabekoa. Ondo bidean, Lizarrustihistango basoetan erbesteratuko naiz. Han aurkituko nauzue, pipa ahoan, garagardoa eskuan, patxada ederrean. Ez kezkatu nitaz. Ez naiz espainiarra; dimisioa eman dezaket.
AURKIBIDEA Aitzin solas. Biziaren kanta Lolita Mendiola Etxea sutan Mendiolako maistra Belarritakoak Donostiara Anaia Bixente Bazkotako bildotsa Ttantta 1967an ezkondu nintzen Michelle Azken agotea Lorategia Masusta marmelada Traizioa Bakarrik Herri lurrak Bertze irtenbideak Arartekoari Hago agote! Sarratea Platan Martin Martina Meltxora Manuel Liniers eta Peritxona Camila eta Ladislao Militantea Mendiolatik Dogonera Tunbuktu Dogon Herria Dragut Ngorongoro Errinozerontea Baringo Zanzibar Vanarasi Tassiliak Kashgar Harar Lalibela Lais Korintokoa Gau beltza Pelotaria Geltokia Felipe bigarrenari eskutitz Andy Warhol Txoritxoa Euskara Baztan aldeko erran moldetarik Aitzin solas. Biziaren kanta Lola Sarratearekin topatzea ez da ahazten den zerbait. Bere baitan duen kemena eta sorkuntza nahiak halako leinuru bat ematen dio. Belateko maldan den Almandozetik bere zuzia dakar. Iduriz bertatik atera ur errekak Baztan erreka Bidasoa bilakatuarekin bat eginez. Uren bideak, denek badakigu, itsasora eremaiten gaituela bertatik beste mundu guzietara. Hori izan da ere Lolaren bidea. Iturrien ura berritzen dela etengabe, gogoetatsu egon gaitezke zer indar berezik horrela jartzen duen ur xirripa xumea itsaso bilakatzeraino. Bide hori “armarririk gabeko baserrian” hasi zuen. Gure lehengo aita eta amek kartsuki biziarazten zuten eta lanaren bortitzak inoiz itzaltzen zuen biziaren seaska txoko goxo horietarik batean. Eta horren jarraipenaren hemen irakurtzeko zoriona eskaintzen digu. Hitzak dira hitzak, poetak “ahal bezalakoak” direla deklaratu zuen baina sendituaren, gozatuaren eta minaren azaltzeko lehen, orain eta gero, baitezpadakoak dira. Hitzak direla hitzak eta denek ez dituztela menperatzen ahal ustea hedatua da gure herrian. Hitzak denenak direla aldarrikatu behar da berriro, denetan. Eta hitzek ona eta gaitzaren egiteko ahala dute, Esopek onerako bezain txarrerako balio duela hitzak zuzenki erran zuen. Liburu honen biziaren jarioan hau bide atseginak, baina arrosak bezala arantzaz beteak ere. Ameriketako bazterretara eta Afrikara ere joaten gara kontakizun hauekin baina azpimarra daiteke hemengo urratsak begiak irekirik egin dituela idazleak. Inor ez da hotzik aterako hemengo ixtorio hauek irakurtu ondoan. Orrialdez orrialde zerbaitek agintzen du bururaino eremaitea irakurketa. Bazterketa eta bidegabekeriarekin topatu den emaztea dugu hemen. Eta ez bakarrik bere bizitzan, baina ere ikusi eta jakin dituenekin. Eta hori, bizi bizirik, erakusten digu, zintzotasun handiarekin, egiari zor zaiona ateratuz. Gure herria, Baztan eskualdea, eta beste guziak, ez da beste munduak baino hobea, bortizkeria, maiz izkutua, nagusi da gure etxe, borda, mendi erreketan, jaun eta boteretsuen agindu eta jarreretan. Ago agote! Oihu hori entzun da menderen mende hemen, kanpotarra omen den horren gaitzesle, bazterle, hiltzaile ere batzuetan. Umorezkoa ote da Lolaren lore untzien salbatzeko borrokaren kondaira hori herrian ereman zuena? Samintasunez jantzia da, gehiengoaren lege itsu bihotz gabekoaren menpe jartzen den legea, zoriona lerrokatzearen eta berdintasun itotzailearen menpe jartzen duena. Zenbat pertsona hunkigarrirekin ez gaitu uzten liburuak! Martina Mendiolako neska gaixoa, Juana Josefa herritarrek basaki erahila, Camila haurdun zena, Maialen gerra zikin batean bere maitaleak galdua... Zor diegula bederen oroitzea, iragana ezin aldatuzkoa baita, baina haren aipamena hazkurri dugu. Baztandarrek hainbeste kurritu Ameriketara ere joaten gara liburuan. Konkistadore haien basakeri, esplotazio gogoetetarik ibiliz maiz. Han ditugula gure senideak, mundu berria eraikitzean hemengo bereko bidegabekerietan, baina gureak dira eta mundu berdinean garela oroitarazten digu horrek. Biharkoa berritzekoa eta arraeraikitzekoa dela! Lolak topatu Lais Korintokoak, “amodioaren baratza” eraiki zuenak, maitasun librea aldarrikatuz poesia eta bertsoz, etzekien gure Pedro Axular apaiz sabantak egun batez haragiaren bekatuaren gaitzesteko eredutzat hartuko zuela demostratuz bekatuari betiere bere ondotik urrikia darraiola. Libertateari egin Lolaren keinu polita dugu hor. Batzuetan umorea ez dela beti Boris Vianek zioen “etsipenaren kortesia”. Eskertzekoa da Lola Sarratea, artista, sortzaile eta so egile fina, Baztango mendi eta lurrek sortu zigutena. Lucien Etxezaharreta Lolita Ile zuri eta aurpegi zimur, hirurogeita hamabi urte eginak bainituen ordurako. “Zure begiek gaztetako dirdira bera dute” horrela erran zidan gizonak, bera ere adintsukoa. Eta berrogei urte egin genuen gibelat, eta amodio hartan murgildu, bihotzean altxatua geneukan amodio hartan; hainbertzetan kontsolagarri izan zen eta, oraindik atzendu gabea. Ederrak izan ziren egun haiek, gu bezain ederrak, gazteak ginen eta, ba al dago gazte amodio baino ederragorik? Ezinezkoa zen gurea, eta horrek handitu egiten zuen pasioa, desioa. Bai, ederra izan zen garai hura; xentimorik gabe ginen aberatsak, arras aberatsak, eguzkia, ilargia, basoa, itsasoa, ilunabarra... denak ziren gureak. Biziak egin zigun opari bat; inolako merezimendurik gabe, suertatu zen, amodioak izutu gintuen, eta ihes joan... Eta bizirik nintzela sumatu nuen, berrogei urte lehenago bezalatsu, gizonaren usaina ezaguna nuen, solas doinu bera, irriño goxoa hortzak airean...; dardarak inarrosia zer erran ez nekiela, horrelaxe izan zen. Eta biziari eskerrak eman bertzerik ez nuela jabetu nintzen. Mendiola Baztango mendietako armarririk gabeko baserri batean sortua naiz. Herritik urrun, arras urrun. Ama, Maria, eta Anastasio, aita. Azkurreta baserriaren izena. Aitari axkurreta erraten zioten, eta ni axkurretaren alaba, beti. Belate mendateko magalean, noizbait, aspaldi zaharrean, oihanari parajea ebatsi eta burdinola bat eraiki zuen norbaitek. Ola langileak inguruan egokituz joan ziren, larreak garbitu zituzten, behiak, ardiak eta ahuntzak bazkatzeko, eta artattikia, banabarra eta barazkiaren ereiteko lurra goldatu. Sagarrondo, intxaurrondo, gaztainondo basak txertatu zituzten, eta gero, harriz goratutako baserrien inguruan, landatu. Arri burdin mendixka inguruan bazkatzen ziren gure ardiak. Harat joaten nintzen nire aitarekin gasna egiteko jetzi behar ziren ardien bila. Gogotik ibiltzen nintzen aitarekin, landare izenak ikasten, txorien kantak bereizten, haizearen norabideari eta zeruaren itxurari behatzen. Bortz urterekin ezagutzen nituen etxeko ardiak, artzainen modura, goizero ohatzetik jaitsi eta zuzenean arditegira joaten nintzen, gauez sortutako bildotsak ikustera. Amari ez zitzaion deus gustatzen nire zaletasun hori, ez zituen alabak nekazari nahi. Nolanahi ere, bizimodu basa hartan, hamabi urte egin nituen, eta nire urterik zoriontsuenak, doike. Udaberri hezean egunak luze, zuhaitzak hosto berritan, elorria eta intsusa loretan. Belai eta baratze bazterrak liliz beteak. Bazkotan soineko berria estreinatu, anaia ttikia sortu. Sanjoanetan sagar gorriak jan. Uztailean uzta; belar idorra metatu, arto galdurrua bildu, lizarrak kimatu... Gaztaina bildu urrian; helduek, morkotsa; haurrek, minauria. Urra, intxaurra eta eztia. Beterraba eta arbia... Argi hastean zerria kurrinka, goizean, auzoko gizonak sukaldean gosaltzen. Emakumeak mondongoan, haurrak etxez etxe txerri puskak ematen. Aste beteko besta etxean. Eguberritan elurra, sukaldean beti sua, ukuiluan aziendak, arditegian ardiak, oilategian oiloak, zerritegian zerrikumeak eta bargoak. Behorrak larraineko aterpean... Txantxangorria atarian ogi apurrak mokoka. Anai ttikia lau hanketan. Urteberritan “Urte berri, berri” etxez etxe urtetxa eskean. Inauteritan mozorro, Garizuman bijilia, bakailao eta sardina. Etxea sutan Nire ama goiz jaiki zen; ez zuen ongi lo egina, haurdunaldiaren zortzigarren hilabetean sartu zen, eta pisu eta nekatua zegoen. Eguraldiak ere ez zion laguntzen, haize hegoak giroa egiten zuen sargori. Astelehenetan egiten zuen aste osorako ogia, eta horixe eginen zuen. Labea biztu zuen, ordu pare bat behar zuen labeak ongi berotzeko. Gero, lasai, bezperan oratutako orea zatitu zuen, mahaian oihal baten gainean paratu zituen zatiak. Martina, hemezortzi urteko neskatxa, ezkontzeko zegoen, eta diru pixka bat irabazteren, bizpahiru hilabeterako ama laguntzera etorria zen. Aita argi hastean uso ehizara joana zen. Manuel morroia bargoak mendian ezkurretan bazkatzen ari zen. ―Martina, goizeko zortziak ditun, mugi hadi, maindireak atxiki zaizkin ala? hator gosaltzera, lan handia dinagu eta―. Esnatu zuen etxekoandreak neska. Neska alaia eta bizia zen, Martina, hamar senidetan zaharrena, gazte hasi zen lanean, han, hemen… batzuetan otordu truk ia, ez zegoelako inon lanik. Baina zoriontsua zen, maitemindua, nobioa soldadu zegoen, haren kutuna bular gainean zeraman, mila aldiz leitu eta musukatua, zimur-zimur egina… mutila lizentziatzen zen bezain aise ezkonduko ziren. Labea gorritu zen, amak, txingar eta enborrak akitu zirenean errautsak lekutu eta ore zatiak sartu zituen. Gizonak itzultzen zirenean elkarrekin afari-merienda egiteko, labeko atetik hurbil lau opil jarri zituen. ―Ze urrin ona! Anitz gustatzen zait sukaldeak hartzen duen giroa ogia egiten dugunean―. Erran zuen neskak. ―Bai, horrela dun, baina ez hadi sutondoan zozotu, beha ezan ea ze arrautza dauden oilategian, eta gero bazka itzan oiloak. Nekatua nagon eta deskantsua behar dinat. Neska zalu joan zen agindutakoak egitera. Nire amak oihal batzuk erosiak zizkion, eta siesta denbora profitatzen zuen arreoaren prestatzeko. Arratsaldean, eguraldia makurtzen hasi zen. Derrepentean, zerua belztu zen, oinazturak eta ortotsak ia batera, bazirudien ortziak lehertu nahi zuela. Nire aita gerria usoz betea, eta urez blai ailegatu zen, arropaz aldatu, eta leiho eta ateak trangaz hertsi ondoren su ondora bildu zen. Handik gutira, Manuel ikara hutsean, hatsanka etorri zen aziendak gobernatu eta gero. Lauak ogi beroekin afaldu, eta garaiz joan ziren ohatzera. Goizeko hirurak aldera behien orroek iratzarri zuten Manuel. Nagusia abisatu eta aziendak laxatu zituen. Etxea sutan zegoen. Aitak etxeko paperak mesanotxean zeuzkan, eta eskopeta eta mesanotxea osorik kanpora leihotik bota ondoren, ama atera zuen; hura ere, leihotik. Ama nerbioak jota, Martina ikusi zuenean pixka bat lasaitu bazen ere, kale gorrian erdi biluzik, negarrez, garrasika kontsola ezina joan zuten auzoko baserri batera. Bailara argi horitu zuen baserriaren suak, txinpartak, eztandak, asotsak, garrasiak, oihuak bazirudien infernuak ateak ireki zituela. Ikaragarrizko haizeak zuhaitzak erroetatik atera eta bideak moztu zituen. Bailarako jendea lasterka hurbildu zen, zuhaixka gainezka, ote eta elorri gainetik saltoka, estrata eta bidexka guztietatik… Baina ezin izan zuten deus egin, baserria zurezkoa eta zaharra, denbora laburrean kiskali zen. ―Martina non da? Non da Martina? ―Jendea hasi zen neskaren bila. Martina hasieran kanpoan ikusi bazuten ere, ke ikaragarria zegoen, eta neska ez zuten inon arpatzen. Jende anitz etorri zen laguntzera, eta denak batera hasi ziren neskaren bila. Agian izutu eta mendian galdu izanen zelako ustean, miatu zituzten inguruko oihan, mendi eta larreak. Deiadarra joka, Martina! Martina! Martina! Oihuka. Baina Martina ez zen agertzen. Auzo kideek hamabi ordu Martina bila ibili ondoren, etxe bazterra behatzen hasi ziren, sua itzaltzen ari zen, eta etxearen ate ondoan aurkitu zuten neska kiskalia. Besoak bular gainean gurutzatuak, ezkontzeko prestatzen ari zen arreotxoa eta mutil lagunaren argazkia besarkan. Hilabete bat geroago ohatze arrotzean sortu nintzen, mila bederatzi ehun eta berrogeita lauko azaroaren hamabortzgarrenean. Aitak etxe berria egin zuen, auzokideek lagunduta. Egun, bere gisa utzia, baina zutik dago. Amak zin egin zuen familia handik aterako zuela, eta hamabi urte geroago sei umerekin (gazteena besoetan) bete zuen berea; Bidasoa ondoan herritik hurbil baserri handi batean egokitu ginen. Gauzak gertatu ziren lekuari etxea deitzen zioten. Baita gerta ez beharra, gertatu zen tokiari ere. Goizeko ihintzekin abiatu ziren. Gibelat behatu gabe, gatzezko estatua bihur ez zitezen. Itxaropena eta minaren arteko muga hartan; gurutzatu zuten Artanzuteko zubia; sei ume, gaztena besoetan, altzariak gurdian, txakurra jarraian, aldapa gora egin zuten, errepideko bidean. Gibelat utzi zuten bizimodu bat. Sukaldeko beroa, gaztaina erreen eta taloen usain gozoa. Mendian erruten zuen oiloaren arrautzen zaporea. Bazkotako gaztanberaren gurina, bildotsaren xamurra. Lixibaren garbi usaina, putzuko igelaren korroka. Belarra metatu ondoko merienda. Eskuz harrapatutako arrainen gutizia. Sabai leihoko hontzaren begirada beilegia. Oilarraren argi hasteko kukurrukua. Igandetan mezara gateari utzi zioten ez zela konfesatzeko bekaturik ikasi zutelako, Horiek denak eta gehiago, utzi zituzten gibelat, egun batetik bertzera folklore bihurtuko zirelarik. 1956ko udaberri hartan, Maria eta Anastasio, nahiz eta jakinen gainean ez egon, antzina moztu eta modernitatean sartu ziren. Bidasoa bazterrean egokitu eta umeak eskolara bidali zituzten, eta gazteena unibertsitatera ere bai, eta hantxe galdu zuen neskatxak euskara. Gurdia eta abrearen ordez autoa, goldea eta lera beharrean traktorea. Presiozko eltzea, butanoz ornitutako labea. Iturriko ur beroa. Egongelan besaulki bi; parez pare telebista. Mendeko tenperaturik hotzenak ikaratu zuen Europa. Kuban Fidel Castro lehorreratu zen 82 iraultzaileekin. Pio Baroja eta Bertol Brecht zendu ziren. Mendiolako maistra Gaizki pasatzen zuen maistrak eskolan. Gaztetxoa, erdalduna eta hiritarra zen. Sei hilabeterako etorri, baserri baten eskola eman, eta bertan ostatu ematen zioten. Nafarroako aldundiak bidaltzen zuen hamar bat baserriko haurrei irakastera idazten eta irakurtzen; gehiketak, kenketak eta zatiketak, Espainiako mugak, ibaiak eta mendiak. Hogeitabortz bat haur ginen, eta denok batera ikasten genuen; neska-mutilak, eta hiru urtetik hamalau bitartekoak. Arras bihurriak eta basak ginen; maistra gaxoa, batzuetan negarrez joaten zen baserriko sukaldera atseden bat hartzera. Eskola gelako ateak etxeko korridorera ematen zuen, eta parez pare sukaldeko atea zegoen. Bazuen gortinatxo bat ateak, eta hantxe egoten ginen txandaka zelatari, maistra bazetorrela ikustean abisatzeko, orduan denok gure tokian eseri eta zintzoarena egiteko. Maistrak hauts laino batean aurkitzen gintuen, eta bertako leihotik ortzadar hits baten modura sartzen zen argien marrak salatzen gintuen. Maistrak nekez asmatzen zuen gurekin. Zigor xelebre bat jartzen zigun, adibidez, ehun aldiz biharamuneko perpaus bat idaztea, baina ez zigun papera ematen, eta gure etxeetan paperik ez. Baina azkarrak eta zorrotzak ginen, porlan zakuak paperezkoak ziren, eta haien pusketetan idazten genituen gure zigorrak. Apeza etortzen zen noizbehinka dotrina ematera. Errezoak buruz ikastea behartzen gintuen eta lezioa hartzen. Mutikoei uhalarekin ipurdia astintzen zien, eta neskatikoei matelezurrekoak ematen, agindutakoak ez ikasiz gero. Goiz erdi aldera maistrak errekreoa ematen zigun. Mendira gaten ginen lasterka. Hurbilean, bazegoen gaztainondo erraldoi bat erdi idortua, eta barnea hutsa zeukan. Egun batean handienak barnean sartu ginen, eta isil-isilik hantxe gelditu. Maistra ikaragarri izutu zen, eta ero bat bezala gure bila ibili zen. Azkenik, baserriko nagusiari eskatu zion laguntza. Osaba Joxe erraten genion, gehienen osaba baitzen, ia auzotar guziak jendakiak ginelako. Osabari bekainak belzten zitzaizkionean, bagenekien kontuz ibili behar genuela. Berehala harrapatu gintuen, eta zintzo-zintzo sartu ginen eskolan. Hantxe egon ginen zigortuak, bazkaldu gabe egun osoa. Etxekoandrea, izeba Patrixi, emakume goxoa zen, eta arratsaldean etorri zitzaigun ogitarteko batzuekin. Oroitzen dut urte batean, maistra euskaldun bat etorri zela, eta euskaraz abesti bat irakatsi ere zigula: Aldapeko sagarraren adarraren puntan puntaren puntan... Egun zoriontsu eta aberatsak haiek. Belarritakoak A! ze egun ederra, zazpi bat urte izanen nituen, baina ongi oroitzen dut amak belarritakoak erosi zizkidan egun hura. Belarritakoak bai, baina, belarrietan zulorik ez, hortaz, ezin izan nituen luzitu. Belarriak zulatu egin behar zizkidaten. Amak erran zidan, igandean, meza ondoren izeba Joanarengana joanen ginela eta izebak zulatuko zizkidala belarriak. Joana herriko haur guzien izeba zen, bera baitzen mundura etortzen lagundu gintuena. Aztoraturik joan nintzen eskolara eta ongi azaldu nien lagunei zein politak ziren nire belarritakoak; izeba Joanak belarrietan zuloak egin behar zizkidala ere erran nien. -Belarrietan zuloak! Eta nola eginen dizkizu zuloak? -Galde egin zuen batek. -Ba, hori zesarea izanen da. - Bota zuen bertze batek. Berriki zesarea bidez haur bat sortu zen herrian, eta ohi kanpoko gertakizuna zenez, haur guziak nahasiak ibili ginen. Zesarea hitza bera lehendabiziko aldiz aditu genuen; bazuen halako misterio pittin bat eta errekreo orduan gai nagusia izan zen. Azkenik, eskolako lagun adituenak misterioa argitu nahian, erran zigun emakumeari sabelean zulo bat egin, eta haurra ateratzea zela zesarea. Ene Jaungoikoa! Niri ere zesarea egin behar zidaten! Joan nintzaion amari etsipenean, eta galde egin nion. -Ama! Hori eta hori erran didate eskolako lagunek, egia al da zesarea egin behar didatela belarritakoak paratzeko? - arrapaladan bota nion. Ama, beti bezala, sukaldean lanean ari zen eta irribarretsu begiratu zidan. -Ba horrelako zerbait… - erantzun zidan inongo inpor-tantziarik gabe. Bai, ba, zesarea eginen zidaten. Ezin nuen lorik egin, izu ikaragarria sentitzen nuen, baina hain ziren politak nire belarritakoak! Ba, zesarea egin behar baldin badidate, hala bedi, pentsatu nuen. Luzeak egiten zitzaizkidan egunak; sarritan sartzen nintzen amaren gelan, eta mesanotxeko kajoia irekitzen, eta liluraturik gelditzen nintzen belarritakoei beha. Urreko arotxo batzuk ziren, altxorra handia niretzat. Eta ailegatu zen eguna, berriro igandea, eta meza ondoan joan ginen izeba Joanarengana, eta hartu zuen izebak jostorratza, misto bat biztu, eta muturra erre zion; gero kortxo bat belarriaren gibeleko aldean paratu, eta zas! zulatu zidan eskuineko belarria, gero zas! ezkerrekoa. A! ze miseria, oraingoan zuloak bai, baina belarritakorik ez, pentsatu nuen nire baitan, bi haritxo paratu zizkidan eta. - Arras ausarta zara, nire polita, ez duzu negarrik ere egin. Ba orain ez ukitu haria, bere gisa eroriko da eta, gaur zortzi etorri berriz, eta paratuko dizkizut belarritakoak. – Erran zidan muxu eta galleta batekin batera. Pasatu ziren zortzi egun eta bertze hainbertze gau. Paratu zizkidan izeba Joanak belarritakoak. Harro itzuli nintzen etxera, are harroago astelehenean eskolara. Inguratu ninduten eskolakideek; ni printzesarena egiten hasi nintzen; orduan nire lagun minak pitxer bat ur hotz bota zidan. -Ba, amak erran dit nik ez dudala belarritakorik behar polita naizelako. - Bertzerik gabe erran zidan. Isilune handia egin zen, eskola ordua gaztigatuz ezkilen dilin-dalan soinuak moztu zuena. Donostiara 1960ko urrian hamasei urte bete nituen eta, beroki berria, oinetakoak, galtzerdik, gona, elastikoa, kuleroak eta bertze gainerako guziak sartzeko, maleta erosi zidan amak, astelehenero arrautzak izebari eramateko poltsa bat ere bai. Nire izebak ile apaindegi dotorea zeukan Donostian, eta harat nintzen joan ofizioaren ikastera. Hasieran, astelehenetik larunbatera egiten nuen Donostian, eta irrikan itzultzen nintzen astebururo baserrira. Amaren janariaren zaporea, etxeko haurride arteko giroa, ukuiluko animalien usaina; horiek denak eta gehiago sumatzen nituen eskas. Baina laster laketu nintzen. Garai hartan mutil bat ezagutu nuen ni bezala astelehenero ikastera Donostiara joaten zena, eta harekin lehendabiziko aldiz maitemindu nintzen. Astebururo poltsa bete arrautza itzuli behar: hura miseria!, arrautzak hauts ez zitezen, amak belar idorrean biltzen zituen, eta poltsaren iskinetatik beti ageri zen belar izpiren bat, eta mutilak irri egiten zuen. German zuen izena, kaletarra zen, eta ez zekien zer nolakoa zen baserritar baten zama, beti arrautza garraio ―Zer daramazu poltsan?― Galde egiten zidan Germanek. ―Ba arropa eta horrelakoak... erantzuten nion. Baina, mutilak zirikatu nahian jarraitzen zuen. ―Ba nik uste dut arrautzaren garraio zarela.― Eta barre egiten zuen. Guti iraun zuen amodioak; igandetan herriko enparantzan dantzan aritzen ginen, eta batean neska frantsesak hasi ziren mugaren bertze aldetik etortzen, Brigitte Bardot modura jantzi eta orraztuak, eta herriko mutilak txoratu ziren. Gaizki pasa nuen, baina, frantsesena ez nion mutilari barkatu. Bai, Donostian ongi laketu nintzen, nahiz eta ordurainoko giroa arras bertzelakoa izan. Nire izeba Txurruka kalean egokitua zen, eta ospe handiko ile apaindegia zeukan. Hamar bat neskek egiten genuen bertan lan. Gehienek ez genuen soldatarik irabazten, lan ordain ikasi egiten genuelako. Bezeroak aberatsak ziren, eta eskupekoa sartzen ziguten mantalaren sakelan. Neskek ongi genekien zein bezerok ematen zuen bortz pezetakoa, eta zeinek, pezeta bakarra; erne ibili behar zen, bezeroari harrera egin, berokia edo guardasola hartu, sinpatiaz agurtu, eta haren ipurdiari atxikita egon; beti, zerbitzari arrunta izango bazina bezala, haren aginduetara. Laster ikasi nuen, eta egun gehienetan sakela txanponez betetzen nuen. Ile apaindegiko giroa arras faxista zen; batez ere uda partean, Madrildik diktadorearen gortea iristen zenean: ministroen emazte eta senideak, konde andreak, duke andreak, printzeak, militar andreak... eta noizbehinka diktadorearen alaba eta biloba ere bai. Nire izeba Elenak arreta handiz hartzen zuen berean gorte hura. Alde batetik negozioarentzako ona zela uste zuelako, eta bertzetik bera ere faxista zelako. Elenaren familia karlista sutsua izana zen, beraz, eskuindarra, eta guda garaian euskal abertzaleen salatzaile. Baina, nik garai hartan ez nekien deus, etxean gai haietaz ez zelako mintzatzen. Ez nekien zertan zetzan abertzale izatea ere. Sortzez nintzen euskalduna, euskara zelako nire lehen mintzoa. Nire erdara, garaian nahiko txepela izanik, sarritan mespretxuz begiratzen zidatela iruditzen zitzaidan. Aise ikasi nuen gaztelaniaz ongi mintzatzen, baina nire betiko mintzoa ez nuen alde batera utzi; euskaraz alfabetatu egin nintzen: Izebari ez zitzaion batere gustatzen nire euskararekiko zaletasun hura, eta are gutigo egin nituen lagun berriak, baina, baziren nire gauza aunitz, izebak jakinen ez zituenak. Txurruka kalea Gipuzkoa enparantzan akitzen da gaur egun, orduan bezala. Eta enparantzan aintzira ttiki bat zegoen gaur egungo berbera, eta ur putzuan betidanik antzarak. Abuztuan mezu bitxi bat hartu nuen; egunero behatu behar nuen ia antzarak Gipuzkoako enparantzako aintziratxoan zeuden, ala handik desagertu ziren. Jakina zen Franco Donostiara etortzen zenean, Gipuzkoa Enparantzako antzarak Aieten diktadoreak zeukan egoitzara eramaten zituztela. Anitzentzat ihes egiteko tenorea. Anaia Bixente Gaueko lana, lan berezia; ez dakit bertze tokitan nola aritzen ziren, gurean lan baino gehiago sport bat zela erranen nuke; jakina dirua irabazten zen, eta bazituen bere arriskuak; lehian indarrak neurtzeak ere bazuen berea. Hamasei urterekin hartu zuen eltzetzuak nire anaia portuges bat pasatzen; mugan izan zen eta anaiaren atorrarekin gelditu zen eltzetzua. Ipar aldera egin zuen ihes anaiak, baina, zer egin ez zekiela itzuli zen; hartu zuten, eta Iruñeko espetxera eraman. “Vagos y maleantes” zeritzana leporatu zioten. Ama, larriturik joan zen Jacinto Argaya Gotzainaren arrebarengana laguntza eske, hark okindegi bat zeukan, eta honela erran zion nire amari: “mintzatuko naiz Gotzain Jaunarekin eta ahal duena eginen du, baina bihartik gurean erosten baduzu ogia, hobe”. Sei hilabete egin zituen anaiak espetxean, baina gaueko lana ez zuen aise utzi. Badira bortz urte joan zaigula. Bazkotako bildotsa Larrean artaldearen biltzen ari zen Moises ilunabar hartan. Oinaztargi batek ortzia argitu eta Jinkoa mintzatu zitzaion. Moises larriturik belaunikatu zen. “Har ezazu zure herria eta ilargi berriarekin zoazte ihes, zuen bila datoz eta”; ahots gardenez aditu zuen Jinkoa. Aspalditik ziren laketuak Egipton, baina lekutzerik bertzerik ez zuten. Bildu zuen Moisesek bere herria eta behar-beharrezko aferak hartzeko agindu zien. Moises artzaina zen eta artaldea bere gisa uzteak mina ematen zion. Bildots xarmantei beha, gogoeta bat izan zuen. Berriz ere bere herriari zuzendu zitzaion: “ilargi berri bezperan janen ditugu bildotsak, gure azken afaria izanen da Egipton”, erran zien. Abilezia handiko gizona zen Moises, tinko zuzendu zuen herria oztopo guzien gainetik, itsasoko urak zituen zatitu, bide baten irekitzeko. Ia bi mila urte geroago, Canaanen ziren egokituak. Maria neskatila polita zen; goiz batean amari aztoratua joan zitzaion; bartatsean oinaztargi batekin batera uso bat bere gelan sartu zela, eta: “Jinkoaren espiritua naiz eta ernaltzera etorri natzaizu, haren semea sortuko duzu, Jesus erranen diotena”, ahots gozoz erran eta joan zela usoa hegan, gero, lo sakon gozo batean murgildu zela. Mariaren familia nahiko arrunta zen, sosa gutikoa; nola nahi ere senar bat bilatu behar zioten alabari, sortu berriak aita bat izan zezan. Sotoan, urte batzuk zituen zurgin bat bizi zen, gizon zintzoa eta beti Jinkoaren aginduetara bizi zena. Jose erraten zioten. Harekin mintzo zen Mariaren aita eta, ez dakigu zein izan ziren arrazoiak gizona konbentzitzeko, baina Mariarekin ezkondu zen. Jesus mutiko ederra eta mintzo onekoa suertatu zen; ez zuen zurgingoa laket, eta lagunekin hasi zen kale borrokan. Erromatarrek zuten herria menpe, eta haiek igorri egin behar zituzten. Jesusen tresna hoberena solasa zen; populista. Herriak, salbatzaile baten beharrean, Jinkoaren semea ontzat hartu zuen. Jesusen etxean pazkotan bildotsa ez zen barkatzen, Egiptotik atera ziren eguna ospatzeko, baina mutila berritzailea zen eta gurasoen aurka, guti bazen ere zerbait egiteren, gaztetxean bildu zuen taldea, eta ogia eta ardoarekin ospatzea otu zitzaion. Aitzina pazkotan, ogia, haren gorputza, eta ardoa haren odola izanen zen oturuntza. Gero mozkorraldia pasatzen olibondo batzuen azpian lo gelditu ziren. Erromatarrek taldean infiltratu bat zeukaten, eta goizeko ordu ttikitan Judasek Jesusi musu eman zion... Bi mila urte geroago, pazkotan neure etxean bildotsa ez da barkatzen. Zehatz ez dakit zergatik, amarengandik datorkigun zaletasuna delako, edo arras gustuko dugulako. Ama ez zen bihotzez giristinoa; arauak zuhur bete egiten zituen, behartua izango balitz bezala; aldiz, aitak boneta kentzen zuen apez baten aitzinean. Amatxi (amaren ama) Lizarrakoa zen eta zurgin baten alaba, sosa gutikoa; baliteke haren arbasoak juduak izatea. 1498. urtean juduak Nafarroatik igorri zituzten; gehienak Baiona aldera heldu ziren. Baina denek joaterik izan zuten? Gauza da, ogiarekin eta ardoarekin ez dugula pazko eguna ospatzen. Ttikia nintzen ama ikusi nuenean haur sortu berria besoetan, burua estalia elizako bidean. Dirudienez umea erditu eta berrogei egun pasa eta emakumeak elizara joan behar zuen “garbitzera”. Zer garbitzera? Bai, laster utzi genion elizaren aginduak jarraitzeari. Berrogeialdiko bijiliari, igandetan mezara gateari, eta pazko betetzeari. Erabat laikoak, doike. Ttantta Udaberriko egun polit bat zen, amak oilategiko oilasko ederrena hil zuen, ttantta Mikaela bazkaltzera heldu zen. Haurrok ez genuen ezagutzen ttantta Mikaela, baziren hogei urte Kubara joana zela. Amaren lehengusua zen eta haren historia sarritan aditua genuen su ondoan. Gazte ezkondu eta senarrarekin Kubara joan zen. Senarrak Donostiako elkarte gastronomiko batean abestu egiten zuen. “Los Xei” deritzon talde bat osatu zuten bortz lagunek eta Bartzelonan ari zirela abesten, kubatar enpresari batek egin zituen urte baterako kontratatu. Presaka ezkondu zen gure ttantta, eta ezkonbidaia, hasieran, urte batekoa, hogei urte luzatu zuten. Oh Pepita, Pepita de Mallorca... edo Buen menu... Buen menu.. eta horrelakoak abesten zituen taldeak egunero Tropicana kabaretean. Xarmanki egin ziren laketu Kuban, etxe eder baten jabe ziren, eta irlako elitearekin egiten zuten bizia. 1959an Fidel Kastro Habanan sartu zenean, dena utzi eta Miamira ihes egin zuten. Edozer gerta ere sosa batzuk zituzten han altxatuak. Gibelat egiterik ez zegoela ikusi zutenean, Euskal Herrira etorri ziren. Automobil handi batekin hasi ziren gure baserrira heltzen, gurdi bide zakar bat zen bidea, eta lohian trabatu egin ziren; idiak uztartu eta aita joan zitzaien kotxea putzu hartatik ateratzera. Gaizki pasa zuen gure Mikaelak trantze hartan; pinpilinpauxa baten antzera kolorez jantzia, harribitxiz gainezka, haren zapata finak, lohiez blai... ez zen nahi orduko gurera ailegatu. Bazkal ostean liluratu gintuen Habanako kontu kontari; haien etxe politaren xehetasunak, baratza eta ur putzuaren xarma, osabaren zaldi zuriaren jauziak, bi neskameen fidelitatea... etxe nagusietan egiten zituzten bestak, Batista diktadorearen etxeko dantzaldiak, kontzertuak, barbakoak... Osabak Allí en la Habana abestu zigun, eta arras ongi pasa genuen. Argazki kamera bat Miamitik ekarri zuten eta mahai inguruan denok bapo-bapo jarrita argazki bat egin zigun osabak. Arratsalde apalean ttantta Karibeminez nire amari kexu mintzo zitzaion; Kuban galdutakoak ez zion lorik egiten uzten; haren bizi zoragarria bizardun basa batzuk bat batean kendu egin zioten. Karibeko argia, itsasoaren kolorea, ilunabarreko haize epela... Anitz urte geroago nire semearen gelako paretetan Cheren eta Fidelen argazkiak ikusten nituen, eta gustatu ere bai, hainen ziren erakargarriak! Ttantta Mikaelak baleki! 1967an ezkondu nintzen Eta 1975ean banandu. 1981ean dibortzioa lortu nuen; herrian lehena izan nintzen. Bi ume nituen ordurako, mutikoa eta neskatila. Nire negozioa jarri nuen, familia hazi, eta seme-alabak etxetik joan zirenean, saldu nuen negozioa. Artea nuen gogoko betidanik, nire aisialdia betetzen zuena; akuarela nuen biziki maite. Parisa joan nintzen Garaiko Artea aztertzera, eta grabatuak limurtu ninduen. Ipuinak ere idazten hasi nintzen. Michelle Azaroaren hamaikagarreneko 1918ko guda handiaren armistizioa gogoratzeren, Frantzian jai eguna izaten da eta, armistizioa gogoan, desfile bat egiten da. Goizeko seietan jo zuen iratzargailuak, Michellek bi itzuli maindire artean egin eta nagi jaiki zen, ikusi zuen senarra goxo-goxo ohatze osoa beretzako hartzen, eta sartu zen bainugelan. Gizona irakaslea zen eta jai zeukan, Michelle, aldiz, gerdarmea, eta zortzietan hasten zen lanean. Metroan heldu zen, eta gendarmerie atean, platano azal bat zanpatu eta lurrera erortzean eskuineko eskua espaloian jarri zuen, gorputz dena haren gainera joan zitzaiola, eskumuturra bortxatu zuen. Larrialdietara eraman zuten, eskumutur zauritua lotzeren. Hamarretan berriz kalean; senarra harritu eginen zuen, kruasan batzuekin joanen zitzaion. Hartu zuen metroa eta ordu erdi batean etxeko zerraiala ireki zuen, lurrin ezezagun batek geldiarazi zuen; etxeko sarrera nahasia, lurrean, jin batzuei, eta enkajezko kulero bati beha gelditu zen. Logelako atea ireki eta senarra neska gazte batekin kurrinka ikusi eta kruasanak haien gainean bota eta “on egin dizuela” erranez gibelat atera zen etxetik. Noraezean hartu zuen berriz metroa eta Champs Elysées hurbilean atera zen. Hotz handia egiten zuen; jendez gainezka, turistak gehienak etorbideko desfileari begira. Kafetegi baten terrazan eseri eta ogitarteko bat eskatu zuen, goseak zegoen, gero pentsatuko zuen zer egin. Bageta erdi bat urdai azpikoa gasnarekin, eta garagardo bat ekarri zion kamareroak; esku batekin jateko luzeegia, erdibitu zuen bokadiloa, pusketa bat mahaian utzi eta bertzeari gogotik ekin zion; neska gazte bat, boneta gorria buruan, eta esku arin pasa zen, mahaian zeukan ogitarteko puska eramanez, haize bolada batek bezala. Michelle negarrez hasi zen, zotinka, negar eta negar hartu zuen oinez etxerako bidea... Azken agotea Bizitzaren arratsean nire jaioterrira itzuli. Horixe zen nire ametsa. Udaberriko zelaiak nituen gogoan, haurtzaroko arratsaldeak. Nire gurasoek, laneguna amaitu ondoren, larrainean hartzen zuten atseden. Ordu magikoa zen guretzat, haurrontzat. Basatien antzera katuei segika jolasten genuen, zuhaitzetara igoz edo apoak harrapatuz. Bailara honetan udaberria da ederra, arras ederra: neskatxa bat bezain osasuntsu eta freskoa, pubertaroa bezain aldakor eta garratza. Ezustean eta bat-batean lehertu egiten da, bizigarri eta lizun. Unerik gorena San Juan gauekoa izaten da: sorginak matxinatu egiten dira eta ilargiari eguna luzatzeko eskatzen diote, haren argi zuri eta magikoak dena alda dezakeelako. Dionisos ere gonbidatu egiten dute, gehiegikeria eta haragikerien jainkoa. Akerraren gaua da, mandragora gaua, lebitazio gaua, akelarrea. Berrogeita hamar urte beteta itzuli nintzen bailara hartara. Etxetxo bat erosi nuen, ilusio handiz konpondu nuen eta hantxe antolatu nuen nire grabatu estudioa. Bidegurutze batean zegoen, berrogei metro koadroko zoruan eta atariaren gainetik bi solairu zituen: bi solairu haiek inguruko etxeak baino altuago egiten zuten nirea. Aspaldian utzita zegoen, erasoak jasanda, minez, baina zutik. Duintasuna nabari zitzaion, lotsagabe ageri zen. Gaztelu baten ondoan zegoen, egun monumento historiko izendatuta dagoen gaztelu baten ondoan, Jauregizaharrea. Nik neuk konpondu nahi nuelako erosi nuen etxea. Bi ikasle kontratatu eta etxea biluztu egin genuen, jatorrizkoa eta berezkoa agerian utziz. Usteldutako sabai aizuna puskatu genuen eta paretetan hezetasunez gainezka zegoen igeltsoa kendu genien harriei. Ohol arruntak kendu genituen, eta lehendik zeuden oholtza zahar bezain ederrak agerian utzi genituen, konpondu zitezkeelakoan. Inoiz oholtzen artean egon ziren tarteko adreiluak ere kendu genizkion. Askatu egin genuen etxea. Sukaldea lehen solairuan zegoen. Etxearen zatirik garrantzitsuena zen eta arras desitxuratua. Hormak lauza itsusiz estalita zeuden eta lurra baldosa arruntez. Etxeak, material arrotz horiek kentzen nizkion heinean, irribarre egiten zidala zirudien, kontent, eta altxapean zuen altxorra non zegoen esaten ari zitzaidan, pixkanaka. Lanak aurrera egin ahala, zur eta lur gelditzen ari nintzen. Burdin zahar, adreilu, igeltsu erdi ustel eta porlan zatien azpian jatorrizko sua zegoen, erabilpenak higatutako sua. Suaren ondoan, 60 zentimetrora, paretan sartuta labea, sukalde ekonomikoa jartzean hondatutakoa; modernitatearen ondorioa, eta ondoko paretan lixiba harri izugarria aurkitu nuen: harriz egindako kubo bat, metroa sakoneran, eta 70 zentimetro luzeran zuena. Zurrut harriak ura kanpora bideratzen zuen, pareta zeharkatuz. Eskuin aldean hautsontzi bat zegoen, erabiliaren erabiliaz hori ere higatua, lixiba harriari ukitu zoragarria emateko arabiar estiloko silleria harriz egindako leiho bat zeukan. Elementu hauek guziek modu perfektuan osatzen zuten etxearen egitura. Harriduraz begiratzen zidaten bizilagunek. Zelatan zeudela ere iruditzen zitzaidan. Alboko bi etxeetan ez zen inor bizi baina oiloak eta untxiak biltzen zituzten han. Baratzea ere landatzen zuten, aitzaki horrekin egun osoa nire etxe inguruan egiten zuten. Hiru gizon haiek erretiroa hartuta zuten eta zeregin handirik ez, nonbait. Nik ez nien jaramon handirik egiten eta nire kontuekin jarraitzen nuen. Egun batean haietako batek, ausardia osoz, igeltsero lana ez zitzaidala komeni esan zidan, emakumeek halako lanak egiteko ohiturarik ez zegoela herrian. Erran hauek oso dibertigarriak ziren niretzat, baina handik astebetera, arrautzak erosten nizkion bertze bizilagun batek bere oiloek arrautzarik ez zutela jartzen esan zidan. Kezkatu egin nintzen, arrautzarik gabeko oilo haiek nire bizitzan zer ondorio izan zezaketen asmatu nahian. Udazkena aitzina zihoan: fite euriak gogotik egingo zuen eta teilatua konpontzeko garaia iritsi zen. Aditu bati deitu nion. Teilatu berria egin behar zen, han zegoena arras hondatuta zegoelako. Estalkia mantentzen zuen masta haritza zen. Pipiak jandako zati batzuk izanda ere, haritz sendoa zen eta ez nuen aldatu izan nahi. Teilatua amaitu eta ataria antolatu nuen bertan lan egiteko. Tximinia jarri nuen; komuna, dutxa eta guzi, eta sukalde txiki bat, sukaldeko lana egiteaz gain, nire grabatuen plantxak egiteko balio izanen zuena. Bizilagunen baratzeak etxeko hormen ondoraino iristen ziren, bertaraino. Larrainari zegokion lur zatia ezin zen erabili, ezkerreko etxera sartzeko eraiki zuten ataka baten erruz, eta ondorioz bizilaguna etxeko sarreratik zentimetro gutira pasatzen zen, kotxe eta guzi. Ataka hura duela hamar bat urte eraiki zutela erran zidaten eta aurrekoa nire larrainetik 30 metrora zegoela. Libre geratzen zitzaidan zatitxoa etxearen eskuinaldean zegoen, 20 metro koadroko zatitxo bat zen, lorategitxo bat jartzeko arras aproposa. Etxea erosi nuenean, salmenta agenteak lur hura nirea zela esan zidan eskriturak ematerakoan, baina Udaletxera joan behar nuela katastro kontua konpontzera. Zergatik ez ote nintzen berehala joan? Bidera ematen zuen zatia garbitu nuen, eta pareta edertu asmoz mahats parra eta glizinia landatu nituen. Belarra ere erein nuen eta zuhaixka batzuk ere jarri nituen bazterrean. Eserleku bat atondu nuen gliziniaren azpian egon ahal izateko. Etxe hark harriduraz begiratzen zidan: bera, hain ahula izanik, hainbertzetan iraindu zuten… eta ni berriz, hain ausarta nintzen! Nahi nuena egiten utzi zidan: berriz irainak jasateko gogorik ez zuelako izan zitekeen edo emetzat zuelako bere burua. Lorategi ederra loratu zen, igokariak paretatik gora zihoazen, zuhaixkak hazten eta arrosa landarea lorez gainezka jarri zen. Nik neuk egindako mahaitxo bat jarri nuen eserlekuaren aitzinean eta hantxe egiten nituen otorduak. Apirila amaitzear zegoen. Ostirala zen, goiza, eta ohi bezala, hondartzan nuen apartamentuan asteburua pasatzera nindoan. Zerbaitek itzularazi zidan arratsaldean, ezustean. Iristean baratzeko bizilaguna aurkitu nuen, arrautzarik gabeko oiloak zaintzen zituen hura: nire lorategiaren eta bere baratzearen artean zegoen pareta botatzen ari zen! Zertan ari zen ikusi nahian, harrituta hurbildu nintzen baina bere jarrerak eta hitz egiteko moduak arras beldurtu ninduen. Etsi-etsian telefonoa hartu eta lagunei hots egin nien baina ez nuen inor topatu. Herritarrak euren etxeetan sartu ziren. Larunbatean, nire bizilagunak eta bere bi koinatuek nire etxe ondoko paretan metroko ataka egin zuten traktorea pasa ahal izateko. Nire lorategia txikitu egin zuten eta inork ez zuen txintik ere erran. Ezikusiarena egin zuten guziek. Bidegabekeria honek gogoetara eraman ninduen. Sukalde zahar hark izan behar zuen erantzuna. Etxe hura xumeegia zen halako sukalde ederra izateko. Arropa garbitzeko erabiltzen zuten hautsontzia oso sakona zen eta argi ikusten zen, asko erabilita zegoela. Gehiegi. Zalantzarik gabe etxe hartan arropa garbitzen zuenak beste batentzat garbitzen zuen. Inguruko etxeei erreparatuz, abereak sartzeko inolako aterik ez zuela ohartu nintzen. Gainera, haietako etxe bat bi aldetara handituta zegoen eta teilatuek tximinia zuten. Beraz, etxe haiek bizileku izan ziren. Noren bizileku? Inguru hura agote ghettoa zen. Nire etxea zen hartan, Jauregizaharreko zerbitzariak bizi izan ziren eta nire sukaldean euren jaunaren arropa garbitzen zuten. Doike. Lorategia Kanakonea deritzon etxea. Azalera: 130 metro koadro. Mugakide dituenak: aurrean, bidea; eskubian, bidea; atzean, Jauregizaharreko belaia; ezkerrera, Txostoako baratza. Astelehenean eskriturak hartu eta Bailarako Udaletxera joan nintzen. Idazkariak, muturbeltz eta begirada lausotuz goitik beheiti begiratu zidan. Eskriturak erakutsi eta gertatzen zitzaidana azaldu nion. Agiria gainetik begiratu, eta bota egin zidan, nire etxeak lurrik ez zuela erranez. Gainera, aholku bat eman zidan: “Aizu, neska, abokatu bat hartu, hemen ez dizulako inork lagunduko kanpotarra zara eta”. Aho bete hortz gelditu nintzen. Xenofobia zer zen ez nekien. Ordurarte ez nuen halako bazterketarik sentitu inondik inora. Emakume haren begirada, eskriturak bota zizkidanean erakutsitako jarrera, bere ezpainek marraztu zutena “kanpotarra zara” erraterakoan, hau guzia buruan gelditu zitzaidan modu beldurgarrian, eta Udaletxera joan behar nuen bakoitzean takikardia izaten nuen, izuaren izuz. Sinatu nuen salerosketa dokumentuan etxea hamaika aldiz emana zela azaltzen zen, beraz, familia bakarrarena izan zen hamaika belaunaldiz. Nirea zen lehen eskritura, “130 metro koadroko azalera” zuela adierazten zuen. Aldiz, Udalak 130 metroak hiru solairutan zituen sartuak. Aparejadore bati deitu nion eta jabegoa neur zitekeen modu bakarrean neurtu genuen: metroa hartu eta mugak neurtuz. Horrelaxe egiaztatu nuen eskrituretan ageri zena. Jabetza erregistroan alboko jabetzen ohartxo bat eskatu nuen. Harrituta irakurri nuen nire lorategia zapaldu eta bizilagunak ataka eraiki zuen tokian hauxe jartzen zuela: “Kanakonea etxeko lurra”. Ataka egiteko Udaletxearen lan baimena eskatu nuen, eta baimen orokorra zuela jakin nuen, (norberaren baratzean ataka egin) alegia. Zeharo txundituta nengoen. Zalantzarik gabe Udaletxeak hori dena ondo zekien. Udaletxeak egindako katastroaren arabera, nire etxeko hormak eremu publikoan zeuden. Hori jakiteak kezkatu egin ninduen. Etxearen aurrekarien bila erotzen ari nintzen bitartean, atariko bizilaguna herriko hauteskundeetara aurkeztu eta zinpeko alkate aukeratu zuten. Arrautza gabeko oiloak zaintzen zituen hura bera. Karguan hilabete egin baino lehen salatu egin ninduen nik nerabilen lur hura komunala zela argudiatuz, nire teilatupeko etxe ondoan egurra pilatuta nuelako. Nire loreak hiltzen ari ziren, eta loreontziak mailuz txikitzen zituzten. Ingurua txukun mantentzea oso zaila zitzaidan. Egun batean zinpeko alkateak nire lorategia asfaltatu egingo zuela erran zidan. Erotzekotan nengoen. Lorategiaren argazkia atera eta karteltxo batzuk egin nituen lorategia ez asfaltatzeko eskatuz. Gizona bere onetik atera zen eta batzarrea deitu zuen (auzokoen bilera). Ohi bezala apezak igandeko mezan iragarri zuen eta hitz egiteko gaiak garrantzi handikoak zirenez, guziei arren azaltzeko dei egin zien. Batzarrera etxeko dokumentuekin joan nintzen, inuxente-inuxente. Hantxe zeuden, herriko etxeko atarian bilduta, gizon guziak. Emakumeak iskin batean, pixkat haratago. Alkateak patrikatik papertxo bat atera eta ia erroldatuta nengoen galdetu zidan. Nik, ezetz. “Udaletxearen aginduz erroldatuta ez dagoen inork ezin du sartu, herriak bestelakorik erabaki ezean”, esan zuen zinpeko alkateak. Isiltasun latza. Herri guzia isilik gelditu zen, lurrera begira: koldarrak. Biharamunean batzarreko akta eskatu nuen idatziz eta ukatu egin zidaten. Arartekoari laguntza eskatu nion baina gai horretan ez zela sartuko esan zidan. Agote banintz bezala tratatzen ninduten. Neurriz gainezkoa zen hura guzia; nik ez nuen arazorik herrian, etxea zen, etxeak bere gain estigma izugarria zuen eta handik lekutu nahi zuten. Lorategiak kontzientzia arazoa eragiten zien, ziur. Etxe hartan zerbait gertatu zen izugarria. Inoiz bertakoek etxea utzi egin behar izan zuten eta ingurukoen memorian gelditu zen gertaera. Masusta marmelada Maiatzaren 8an katastroa berraztertzeko eskaera egin nuen Udaletxean eta horretarako aparejadoreak egindako jabetzaren planoa aurkeztu nuen. Zinpeko alkateari nire katastro egoeraren berri emateko eskari berezia ere egin nion. Lorategia alanbre mehe batekin ixteko baimena ere eskatu nuen. Bizilagunak zirikatzen ari zitzaizkidan, batez ere alkatea: behin eta berriz bere jazarpena jasaten ari nintzen. Ekaina. Hauteskundeak izan ziren, Udal hauteskundeak eta Orokorrak. Bailaran nazionalistek irabazi zuten eta emakume bat izendatu zuten alkate. Demokraziaren historian bailara hartako lehen emakume alkatea zen. Audientzia eskatu eta onartu egin ninduen. Hogeita hamar urte bete ez zituen emakume gaztea zen, erakargarria eta itxuraz modernoa. Ondo hartu ninduen, errateko nituenak entzun eta nire eskaera aztertu eta erantzungo zidatela erran zidan. Ez nuen mesfidati izateko inolako arrazoirik. Lorategian izan nituen arazoak ahaztu nituen, ederra hazten ari zen, gainera, eta bailarako artistekin Kultur Etxean abuztuan eginen zen erakusketa bat antolatzeko lanean hasi nintzen. Neu izan nintzen bultzatzailea. Kultur Etxean Holandan ospatzen den kultur ekintzaren oinarriak aurkeztu nituen, bertan izan bainintzen holandar artista baten gonbidapenaz. Ekintza apala eta atsegina zen: Udaletxeak bailarako artisten kokaleku eta egiten zuten lanaren xehetasunak adieraziko zituen mapa bat egingo zuen, tailerrak ikusi ahal izateko ordutegia ere azaltzen zuena. Orri hauek Turismo bulegoaren bidez heda zitezkeen. Abuztu erdialdea. Kultur arduradunak deitu eta alkate andrea bere lagun batzuekin nire estudioa ikusi nahi zuela erran zidan. Izugarri poztu nintzen, zita egin eta bisitariak modu egokienean hartzeko prest nengoen. Arratseko zortziak aldera iritsi ziren. Nire lanaren jarraipena egin zuten, etxea ere ikusi, eta baita lorategia ere. Sagardo botila batzuk edan eta lagunartean berriketan egon ginen. Alkate-andreak lagunentzat egiten ditudan masusta marmelada pote batzuk ikusi zituen. Bat eman nion. Maitekiro esan genion agur elkarri eta alkateak sorbaldan besoa jarriz “lasai, dena bere onera etorriko da” esan zidan. Kotxeraino lagundu nien eta etxera itzultzean masusta potea mahai gainean gelditu zela ikusi nuen. Traizioa Alkatesak atzendu zuen masusta potea ikusi nuenean barrez hasi nintzen. Nire barrak, ordea, arras guti iraun zuen. Asteartea zen. Ostiralean udaltzainak etorri ziren etxera eta urtebete lehenago nire teilatupean jarritako egurra zela eta zinpeko alkateak sinatutako salaketa aurkeztu zidaten. Nik aspaldi kendu nituen egur zatiak. Salaketa lorategia husteko aitzakia bertzerik ez zen. Autoa alkate-andreak sinatuta zegoen. Hamar egun nituen husteko. Abuztua zen, abokatuak oporretan egoten diren garaia. Madrileko lagun abokatu bati deitu nion eta errekerimendua legez kanpo zegoela esan zidan. Batetik katastroa berraztertzeko eskaera eginda zegoen eta bertzetik autoa ez zuen Udaletxeko Idazkariak sinatu. Baina Udaletxeek aurrea har dezaketela argitu zidan. Lagun baten bitartez abokatu hirigile batekin hitz egin eta borrokatzea erabaki nuen. Errekerimendua errekurritu egin nuen. Baina alkate-andreak traizionatu izanak barrenak nahastu zizkidan. Ezusteko ederra ematea erabaki nuen. Ez zen nire laguna, argi eta garbi. Egindakoak eginda ere, makurrera joatea zaila zen. Irailak bere lehenengo igandea zuen. Herrian festak ziren eta nire etxetik hirurehun metrora ekintzak antolatu zituzten. Goiz esnatu, ondo gosaldu eta karteltxoak egin nituen. Haietariko batean kaxatxo bat marraztu nuen, kaxatxo hartan zulo batetik emakumezko esku bat ateratzen zela ikus zitekeen alkateak emandako agiria sinatzen. Beste batean hauxe idatzi nuen: alkatesa, garbi joka ezazu, ausartu! Jantzi zuria nuen soinean eta karteltxoen artean lorategian eseri nintzen, irakurtzen. Udaltzainak etorri, argazkiak egin zituzten eta joan egin ziren. Jendeak begiratu eta alde egiten zuen, besterik gabe. Baina alkateandreari ez zitzaion gustatu, bere legealdiarentzat ez zen hasiera txukuna. Bailaran emakumezko batek kargu hori izaten zuen lehen aldia zen eta bere lehen ekintza lorategi bat txikitzea izan zen, legeari muzin eginez. Gaualdera, karteltxoak kendu eta zer gertatu zain gelditu nintzen. Biharamunean, alkate-andreak deitu zidan, negarrez, nirekin hitz egin nahi zuela erranez. Bere bulegora joan nintzen eta zalantzaz beteriko emakume negarti bat ikusi nuen. Behin eta berriz galdetu nion zergatik sinatu zuen errekerimendu hura eta “sinatzeko hainbeste paper jartzen dizkidate… zer sinatzen dudala ere ez dakidala” esan zidan. Nire aitak alkatearen aurrean txapela kentzen zuen. Nire alkate-andreak merezi ote zuen halako ohorerik? Bakarrik Zinpeko alkatearen baratzea eta nire lorategiaren arteko hormaren kontra begonia batzuk landatu nituen. Bereziki ederrak hazi ziren. Hormaren bertze aldean alkateak tomateak landatu zituen baina herdoil antzeko batek zapuztu egin zituen. Tomateak ez ziren heltzen, horixkak eta erdi ustelak hazten ziren, penagarri. Herritarrak etorri egiten ziren eta nire loreak ikusi ondoren alkatearen tomateei begira gelditzen ziren. Behin eta berriz nire loreak ureztatzeko zer erabiltzen nuen galdetzen zidaten. Nik ezin nuen ulertu zergatik galdetzen zidaten hura, baina berehala jakin nuen nire loreak ureztatzeko hura filtratu egiten zela hormapetik eta alkatearen tomateak zapuzten zituela. “Agoteek ikutzen duten oro kutsatu egiten dute”. Horixe uste izan du herriak. Batzuetan beste iturriak erabiltzera behartzen zituzten, eta horregatik ageri dira toponimian agotiturriak deiturikoak. Oinutsik ibiltzea ere debekatzen zieten, eta inor horrela ibiltzera ausartzen bazen oinazpiak burdinez erretzen zizkieten, haiek zapaldutako lurra antzu bihurtzen zela argudiatuz. Nire plazeretako bat lorategiko belarretan oinutsik ibiltzea zen. Zorionez, XXI. mendean geunden. Batzarreko atea itxi zidaten une hartantxe bertan apartheid modukoa ezarri zidatela sentitu nuen. Komunitateko inori bost axola zer gertatzen ari zitzaidan: guziek ezikusiarena egiten zuten. Udaletxeak ez zidan jaramonik egin, arartekoak bere laguntza ukatu zidan, bere balioaz azpitik zegoen etxe hura herritarrei bakarrik sal niezaiekeen eta eurek erabakitako salneurrian gainera. Eskuak lotuta. Oinutsik. Bakarrik. Etxea itxi eta alde eginez gero, txikitu edo su emango zioten beldur nintzen. Bertan gelditu eta borrokatzea erabaki nuen. Nire lanean murgildu nintzen: grabatuak eta plantxak. Lurraren inguruko gaiak landu nituen: euskal pilota, akelarrea, sorginak, lamiak, aurreskua, zamalzaina, joaldunak… Idazten laket nintzen, istorio eta ipuin laburrak, nire estudioan arrats zoragarri haietan, sutondoan asmatzen nituenak. Herri lurrak XVI. mendea “…bailarako biztanleren batek epaiketa deituko balu bereak edo herrikoak diren lurrak, bailarako errentak konprometituta geldituko lirateke, epaiketa eskatu duenak alkate eta bere epaimahaikideek esandakoari men egiten badio…” Alkate-andrearen dei bat jaso nuen, nire lorategiko etsia ken nezan eskatuz, zinpeko alkateak bere traktorearekin bertatik pasa nahi zuela eta. Nire abokatuak katastro berrikusketaren gainean gorako helegitea jarri zuen, administrazioaren isiltasuna zela eta, eta artxibatzen saiatu baziren ere, onartu egin zuten. Bi errekurtso jarrita nituen eta erabakia jakin arte errugabea nintzen. Lorategia bertan behera uzteko arrazoirik ez zegoenez alkatearen deiari ez nion kasurik egin. … ko herriko zinpeko alkateak honela adierazten du. Maiatzaren 2an, halako tokian egindako Batzarrean eta 27 biztanle bertan zirela ondokoa erabaki da. Gaur arte … okupatuta duen herri lurrari dagokionean Batzarre honek emakume honek lur hori ezin duela okupatu ulertzen du, kontrakoa erakutsi arte lur hau publikoa delako, eta nahiz eta emakume honek arazoa epaitegien esku utzi duen lur honetatik ez du probetxurik izango aipatutako epaitegiak erabakiren bat hartu arte eta Batzarre honek azaldutako arrazoiengatik. Zera eskatzen du: goian aipatutako datatik aurrera hilabete izango du Udaletxeak gatazka hau konpontzeko, edo bertzela, beharrezko neurriak hartzeko emakume honek lur hori utz dezan eta lehen bezala gel dadin, hainbeste denbora irauten duen gatazka honi irtenbidea aurkitu arte, emakume hau bera bakarrik ari delako lur hau erabiltzen inolako eskubiderik gabe eta bertzei min egiten, … bezala. Hau guztiarengatik herri osoa ordezkatzen duen Batzarre honek, eta Udaletxeari presiorik egin gabe baina bai arrazoi osoz bertze irtenbide batzuk hartuko dituela erabakitzen du. Hau guzia lehen bai lehen konponduko den itxaropenez, bi aldeen mesedetan eta herrian guzion arteko elkarbizitza errazagoa izan dadin. Zinpeko alkatea Ezkutuan egindako batzarre baten akta jaso nuen Udaletxearen enkarguz abokatu batek egindako txosten tekniko batekin batera. Lurra berreskuratzeko espedienteari hasiera eman zioten bortz urtez bide publikoa oztopatzeagatik. Lur hura, berreskuratu nahiak bultzatuta, guzion lur izendatu zuen Udaletxeak, edo herritarrek erraten zuten bezala, herri lur. Nire abokatuak zion Udaletxeak lur horren jabego titulua eskatu behar zuela, legea oso zehatza baita arlo honetan. Udaletxeak lur hura erregistratuta ez zuenez, bidea zela erran eta halaxe tipifikatu zuen. Nire etxea bide ondoan zegoen eta Udaletxeak erabakitako guzia bidea zen. Isun itzela jasotzeko arriskua nuen, baina errekurtsoen auzia bideratu arte nire lorategia mantentzea erabaki nuen. Bertze irtenbideak Irailak lehen astea zuen eta herriko jaiak ospatzen ari ziren. Handik joan egin nintzen jasaten ari nintzen tentsio hartatik urrundu asmoz. Niretik 300 metrora etxea zuen ahizpari bertara joan eta loreak ureztatzeko eskatu nion. Irailaren lehendabiziko igandea zen, eta ahizpak deitu zidan. Lorategia txikitu egin zuten. Goizeko 10ak aldera iritsi nintzen eta ikusi nuena izugarria iruditu zitzaidan. Herriko lorategi ederrena txikitu zuten alkatea bere traktorearekin legez kanpoko sarrera egin eta bertatik pasa zedin. “… beste irtenbide batzuk hartuko dituela erabakitzen du…” zioen maiatzaren 2ko Batzarreko aktak. Eta halaxe egin zuten. Lorontziak, zuhaixkak, amorruz puskatutako tomate landareak zeuden bide erdian. Begiluze batzuk zebiltzan handik, baita zinpeko alkatea ere, ezer gertatu ez balitz bezala. Emakume xahar bat hurbildu eta “Ez egin ezer; oraintxe datoz Udaletxekoak guzia eramatera” esan zidan, penaz. Poliziari deitu nion, irratiari eta herriko telebistari ere bai, eta jendeari handik alde egin eta bakarrik uzteko eskatu nion. Ustez herrian nuen lagun bakarra pasa zen, suhiltzailea. Kotxea gelditu eta jaitsi gabe txikizioari begira gelditu zen, larriduraz. Gertatutakoaren azalpen bila hurbildu nintzaion. “Hementxe bizi behar dut eta ezin dizut lagundu” esan zidan, horixe bertzerik ez. Nire abokatuari deitu eta gertatutakoa salatzeko esan zidan, izenik eman gabe, lekukorik ez nuelako. Irratiak eta telebistak egin nuen xenofobia salaketa hedatu zuten. Poliziarekin hitz egin eta hurrengo egunerako komisalgoan egin genuen hitzordua. Agotea nintzen. Ezin lurrik izan. Herriak lege guzien gainetik justizia bere esku hartu zuen. Jabetza eskuratzeko espedientea, maiatzaren 28an hasitakoa, nire abokatuak errekurritu egin zuen epeen barruan eta oraindik ez zuten erantzun. Udaletxeak ez zidan deitu, nahiz eta komunikabideek bortxaketaren berri eman. Nire lorategia txikitu zutenek gorrotoz eta amorruz egin zuten, herriak, elizak eta agintariek babestuko zituztela jakinda. Halaxe izan zen mendeetan. Ehunka urtez bizi izan ziren euren gorputzetan xenofobiaren genak, baina ez ziren euren ekintzen erantzule bakarrak. Herri osoak zekien nor izan ziren. Piztikumeek ondo egin zuten lana, zaharrenek erakutsita. Alkate-andreak, unibertsitateko gaztea izanda, legez kanpo ez zuen jokatu nahi. Behin halaxe egin zuen eta arazoak izan zituen, baina herriak ez zuen idatzitako legerik ulertu nahi. Berezko legeak zituen, betikoak, tribuaren isiltasun koldarraren babesarekin. Arartekoari “Zure erakundearengana jotzen dut nire Udaletxearen aurrean inolako babesik gabe nagoelako. 1999an etxe zahar bat erosi nuen berregin eta bertan bizitzeko asmoz. Agote etxea zen, utzita zegoen, batek daki zergatik. Agintarien utzikeriak eta auzokoen lapurretak berea zuen lorategi txikia kendu zioten, baita etxeko eskrituren ematen didaten beste eskubide batzuk ere. Kontua da baratze ondoan bizi dena herriko zinpeko alkatea dela, herri ondasunak zaintze aldera loreak landatzen uzten ez didana, ezta belarrik ere, aulkirik ezin dut jarri etxepean esertzeko, gaizki eginda eta errekurrituta dagoen lursailaren arabera ez baitut horretarako eskubiderik. Etxe ingurua asfaltoz betetzeko ezetza eman nienean, eskrituretan jabea naizela adierazten den neurrian, alkateak batzarrea deitu zuen, herrian arazoren bat dagoen bakoitzean gertatu ohi den bezala. Etxearen inguruko dokumentazio guzia bildu nuen bertara joateko. Atera iritsi nintzenean, herri osoa bertan zegoenean, zinpeko alkateak sarrera ukatu zidan erroldatuta ez nengoela arrazoituz. Hori apirilan gertatu zen: 3 urte neramatzan herrian bizitzen. Alde interesatua izanda, iraingarria izateaz gain ez zidaten nire eskubideen defentsa ere egiten utzi. Udaletxera joan nintzen azalpen eske eta ez ninduten ondo hartu. Idatzi bat egin nuen Batzarreko akta eta bertan egon ahal izateko Araudia zein zen eskatzeko. Sei hilabete pasa dira eta ez dut erantzunik jaso. Jaiotzaz bailatakoa izanik, badakit herriak errespetu handia diola zinpeko alkateari eta batzarreari, antzinako ohitura demokratikoak direlako eta harro daudelako. Oraingoan, erakunde hauek erabiltzean euren balioa indargabetu dute, arazo bat konpontzeko baino emakume bat iraintzeko erabili dutelako, bere eskubideak ukatu dizkiotelako. Nire ustez jarrera matxista eta xenofoboak indartzen ari dira eta horrelakoek gure komunitateari kalte egiten diote. Zure esku hartzeak egoera argitu eta konponduko duen itxaropenaz eta babes eskubidea eta berdintasun printzipioak lagunduko nautelakoan.” Abenduaren 18an Arartekoaren ohar bat hartu nuen, nire kasua aztertuko zutela eta handik gutira zerbait esango zidatela adierazten zuena. Apirilaren 6an azken txostena jaso nuen: “…jakin dugunez, aipatutako “batzarrea” hasi aurretik ..n erroldatuta zinen galdetu zizuten, ezezkoa erantzun zenuelarik, eta horixe izan zen gehiengo absolutuz bertan ez egotea erabaki izanaren arrazoia, parlamentu eta koto ordenantzak bere lehen kapituluan jartzen duena jarraituz, adin nagusikoa eta auzokoa izatea ezinbestekoa direla…” eta amaitzeko “…horregatik zinpeko alkateari inolako argibiderik egiteko arrazoirik ez dago..”. Mendeetan zehar agoteak zapaldu zituzten arrazoiak ulertzen hasi nintzen pixkanaka. Nagusi zen klaseak legeak ezartzen zituen eta inork ez zituen zalantzan jartzen, ezta Arartekoak ere. “…gehiengo absolutuz bertan ez egotea erabaki zen…”: Esaldi hau Arartekoaren hitz bihurtzea krudela iruditu zitzaidan. Hago agote! Batzarre kontuetan eta herritar bat kanpoan uzteko azpijokotan aritzeko, herriak gaitasun berezia zuela ikusi nuen. Lorategia txukundu izanak zinpeko alkatea eta bere lagunen haserrea eragin zuen. Errekurtsoen berririk gabe jarraitzen nuen eta babesik gabe nengoela sentitzen nuen. Herrian nire aurkako azpilanetan ari zirela sumatzen nuen. Kasualitatez, alkateak martxoaren 19rako, iganderako, batzarrea deitu zuela jakin nuen. San Migel eguneko batzarre orokorrerako txostena prestatzen ari zela pentsatu nuen, urte osoan ospatzen den lau batzarretatik garrantzitsuena, eta han erabakitakoak halabeharrez bete behar izaten direlako. Batzarre hartara joatea bultzatu ninduen zerbaitek. Etxe hark, beti adi, bere beldurren berri emango balit bezala. Baina lehenik elizara bisita egingo nuen. Apezari aurre egiteko gogoa izan nuen betidanik, batzarre hartan apez xixtrin hark bere elizatiarrak niri sarrera ukatzera bultzatu zituenetik. Igandeko elizkizunera joan nintzen. Erdi erditik sartu nintzen elizara, guziak begira nituela eta lehen aulkian eseri nintzen, hutsik zegoen lehen aulki hartan. Jende gehiago sartu zela aditu nuen baino inor ez zen eseri nire ondoan. Elizkizun osoan bakarrik egon nintzen, legenadunen moduan. Apeza, ni ikusi orduko, oso urduri jarri zen. Tarteka begi zeharka begiratzen ninduen. Gizonak bazekien aurre egitera joan nintzaiola eta zer egingo nuen beldur zen. Ni han egotea ez zitzaion batere atsegin, ezta geroko batzarrean egotea ere. Sermoi garaian bere onetik atera zen. Aurrez zer esango zuen jakin gabe ekin zion sermoiari. Moises Sinai menditik itzuli zeneko pasartea ekarri zuen gogora, legearen taulak eskuan zituela bere herritarrak urrezko txekorra gurtzen ari ziren unea. Sermoiak iraun zuen minutu eskasetan ehun bat aldiz errepikatu zituen Jainkoa eta Txekorra hitzak, ezer ulertzen ez zen aho korapilo antzeko batean. Hitz jarioa “amen” azkar batekin amaitu zuen. Elizatik atera nintzenean etxearen aurreko jabearekin egin nuen topo. Begiraden esanahia. Gure begiradek egin zuten topo eta beldurra ikusi nuen bere begietan. Berak ondotxo zekien lorategiaren aldeko borrokarekin jarraituz gero zer gertatuko zitzaidan. Belaunaldietan pilatutako beldurra sumatu nuen emakume haren begiradan. Borroka hura galduta nuela jakiteak aske sentiarazi ninduen. Lorategi batek ez zuen nire bizitza osoa balio. Etxearentzat tristura izango zela nekien, oso panpoxa baitzen bera. Batzarrera joan nintzen eta elizan bezala alkatearen aurrean eseri nintzen, lehen aulkian. Gizonak ez ninduen begiratu ere egin, ezta hurrik eman ere. Halako batean apeza sartu zen, ziztu bizian. Jendaurrean hitz egitera ohituta egonik, batzarre hartara joateko zergatik eskatu zioten, galdetu zuen ozenki. Alkateak esan zion herriak elizaren ondoan su txiki bat eraiki nahi zuela, haragiaren erretzeko, eta bere baimena nahi zuela. Apeza haserretu egin zen. “Batzarre honi ez dagokio elizaren lurrak aisialdirako erabiltzeko erabakia hartzea”, oihukatu zuen. Niri zuzen begiratu eta hala jarraitu zuen: “Beharrezkoa bada, nire odolarekin defendatuko dut elizaren lurra”. Gero adeitsuago, han zeudenei su txikia eraikitzeko zer egin behar zuten adierazi zien. Argi eta garbi utzi zuen bera ez zegoela sua eraikitzearen aurka, baina bai erabaki hura batzarreak hartzearen aurka. Apeza, prestatu zitzaion iruzurraz ohartu zen. Nire etxearen aurreko jabeak han izateak adierazten zuen nire aurka deklaratzeko deitu zituztela. “Euren odola garbitu zuten” agoteak ziren, gizarteratuta zeuden eta ez zuten atzera begiratu nahi. Gatazka hasi zenean deitu egin nien, eta lehor eta gordinki erantzun zidaten: “Ez dugu deus jakin nahi”. Batzarreak erabakitakoak apezaren onespena behar zuen. Aktan, bera han izan zela jartzea nahikoa zen. Galdeketa egiten lehena izango zen, eta, berak alde egiterakoan, bilera hartakoek “beste erabaki” batzuk har zitzaketen, San Migel eguneko batzarre orokorrean eztabaidatzeko. Dena neurri gabekoa zen. Hain neurrigabea! Kanpotik ikusita Erdi Aroko pastoral tragikomikoa zirudien: apezaren hitz potolo haiek (“Beharrezkoa bada, nire odolarekin defendatuko dut elizaren lurra”), etxearen aurreko jabeak hantxe eserita, txoko batean eta beldurtuta, ni neu, lehen aulkian eserita, alkatearen aurrean, isil isilik guziei aurre egiten. Norbaitek hesian alanbrea jartzeko baimena eskatu zuen. Eskatzaileak, aspaldi alkate izandakoak, bere garaian ukatu egin zion bertako bati hori bera egitea eta horrexegatik ukatu zioten baimena. Batzarrea erabakirik hartu gabe amaitu zen eta han hitz egin zenaren aktarik idatzi gabe. Sarratea Platan 1985. urtean Paraguai eta Argentinatik itzuli bat egin nuen. Buenos Airesen Juan de Garai fundazioa bisitatu nuen eta han “usted ostenta el nombre de un benefactor de la patria Don Manuel de Sarratea” erran zidan idazkariak. Ikusmina sortu zidan eta hasi nintzen nire aitaren arbasoak ikertzen. Arakatu nituen inguruko elizak daten bila, aitaren aita nor zen, eta haren aitatxia, eta horrela, 1690. urtera ailegatu nintzen. Pedro Sarratea Sorondarena 1690an Oronozen sortu, Joanes Sarratea eta Catalina Sorondenaren iloba. Goienechea etxearen jabeak. Hortik aitzina, ez nuen deus aurkitu eta kaxa batean sartu eta ahantzi nituen paperak. Hogei urte mantsoago aurkitu nuen txostena, eta berriz ere, jakin-minak bultzaturik, Interneten hasi nintzen ikertzen. Manuel Sarratea Buenos Airesen 1774ko abuztuaren 11n sortu eta 1849an Limogesen hil zen. Argentina nazioaren sortzaile aktiboa izan zen, lehendabiziko Hiru Aginte kide, aginte militarra, diplomatikoa eta Buenos Aires probintziako gobernadorea besteak beste. Itxura onekoa, hiztun hobea eta heziketa apartakoa, Erlazio publikotan abila eta arrakastatsua. Prestigio handia izan zuen garaian. Argentinako XIX. gizaldiaren lehen erdiko gertaeretan parte hartu zuen. Aita Martin Sarratea, Oñatin sortua, aitatxi Juan Manuel Zigan (Baztan) eta aitatxiren aitatxi… Joanes Sarratearen enborretik ni neu bezala? Martin Oñatin sortu zen 1731. urtean; 1750ean joan zen Buenos Airesera. Cadizetik atera zen; Martin Altolagirrek hiru bidai txartel eskatu zituen idatziz beretzat eta bi morroientzako. Morroi haietako bat Martin Sarratea zen. Eta honela dator dokumentuan: Martin Simon Sarratea 19 años buen cuerpo, blanco, delgado y un lunar en el lado derecho de la cara… 1767an Tomasa Altolagirre bere ugazabaren alaba ezkondu zuen San Nicolas de Bari elizan emaztearen anaiak bedeinkatu ziten ezteiak. Altolagirre familia, ziren Albisturtik joanak Buenos Airesera eta han indartsuak ziren. Martin Altolaguirre Buenos Aireseko lehen botanikoa izan zen eta hamar mila zuhaitz landatu zituen Los Tapiales bere etxearen finkan. Intxaurrondoak adi bidez oraindik diraute. Etxea eta baratzak ondare historikoak dira. Ez dakigu zertan jardun zuen Martinek lehendabiziko urteetan. 1767. urtean Sarrateak bere ugazabaren alaba Tomasa Altolagirre ezkondu zuen. San Nicolas de Bari elizan, Frai Francisko Altolagirre emaztearen anaiak bedeinkatu zituen ezteiak. Merkataritzan ihardun zuen, esklabo tratante bizkorra, Karlos III.na Espainiako erregeak Madrilera deitu zuen esklabo garraioa prestatzeko. 1711. urtean Robert Harleyek The South Sea Company sortu zuen. Hego aldeko itsasoko merkataritzaren monopolioa lortu zuen (Asiento de Negros) esklabo harrapatzeko monopolioa. Kontratu honek 4.800 afrikar urteko, harrapatzeko ahalmena ematen zion. 30 urtez konpainiak burtsan kotizatu zuen eta kapitalismoaren lehen burtsa krisia bultzatu zuen. Jende anitz zorrak jana gelditu zen. Isaac Newton munduko zientzia gizon handienak bere aurrezki guztiak galdu zituen. Negozioek porrot egiten zuten. Baziren beren buruaz bertze egin zutenak ere. Konpainiak jarraitu zuen 1763 arte. Ingalaterratik ateratzen ziren jopu ontziak Ginea Golkoan afrikarrak harrapatu eta Rio de la Platara eramaten zituzten. Gero larrua, artilea, zilarra eta hainbat produkturekin itzultzen ziren esklabo ontziak. Bi ontzi upategi handirekin egokitzea, ura eta janaria eramateko deposituak, ozpina desinfektatzeko, kanoiak frantsesen, portugesen, ingelesen, eta holandesen erasoei aurre egiteko eta kateak jopuen matxinadak kontrolatzeko eskatu zuen batzordeak. Ontziek bi mastakoak behar zuten izan zalu ibili ahal izateko. Sendagile bat, bi marinel eta pilotu bat espainolak izanen ziren. Itsasontzia Ingalaterrako ikurrarekin aterako zen, Ginea Golkoan esklaboak hartu eta Santo Tome irlan geldialdi bat eginen zuten tripulazioak atseden bat har zezan, eta mandioka irina frijola eta palma koipea prezio onean erostera, jopuei bazka egiteko, gero, Rio de la Platara ailegatzean ikurra aldatuko zuen espainola jarriz. Portugesek egiten zuten bezala kostuak jaisteko marinel xeheak esklaboak izanen ziren. Denetara jopu bakoitza 155 peso kostatzen zen. Baker and Dawson konpainiarekin sinatu zen tratua bi urterako eta honek 6.000 afrikar urteko entregatzeko konpromisoa hartu zuen. Merkantzia hautatu behar zen. Hoberenak, “pieza” 18 eta 25 urte bitarteko gizonezkoak. “Mulekones” 14 eta 25 bitartekoak eta neskatilak 10 eta 14 urterainokoak preziatuak ziren. Emaztekiak 25 urtetik beherakoak izan behar ziren. Itzuli zen Buenos Airesera jopu negozio azpiegitura Rio de la Platan antolatzera eta bitartean jauregia eraikin zuen Sarrateak. Martin Sarratea Real Companía de Filipinas enpresaren partaide eta Buenos Aires eta Uruguaieko kaian konpainiaren apoderatua zen. Jopuak sartzeko barrakoiak eraikitzeko mandatua hartu zuen, eta ongi ezagutzen zuen The South Sea Companyk erabiltzen zituen areto erraldoiak udalari erosi eta prestatzen ari zela, Buenos Airesko biztanleek eragozpenak jarri zizkion usai, zarata eta eritasunak ekar zitzaketela jopuak etxe artean argudiatuz. Baino ez zen Sarratea gibelat egiten zuten horietakoa eta bertze terreno batzuk bere bizkar erosi eta aretoak prestatu zituen Principe eta Princesa jopu ontziak ailegatu zirenerako. Principe ontzia Boni Gineatik 427 jopurekin atera zen, 363 bizirik ailegatu ziren. Princesak bide berdina egin zuen eta 412tik 349 afrikar soilik ailegatu ziren bizirik. Kaian 164 hil zirenekin batera konpainiak galera handiak izan zituen. Sarrateak Espainiako erregeari eskutitz bat zuzendu zion esklabo bakoitzerako kaian ordaindu behar zen zerga (9 peso) ez ordaintzea eskatuz. Erregeak onartu zuen eskaera. Negozioak porrot egin zuen eta bi urtetan bertan behera utzi zuen Carlos III.k jopu negozioa. Baino ekintza ez zen gelditu. A los cuatro días de noviembre de 1799 se reciben quinientas cuarenta cabezas de negro. Contando con trescientos veinte mulecones de aprosimadamente quince años, y un centenar de muleques menores de diez años la mayoría tienen mala dentadura y estan muy flacos aunque con una buena alimentación serán aptos para el trabajo. Paper batean eskribitu zuen Martin Sarrateak. Principe jopu ontzian etorri ziren afrikarrak zenbatu eta gero. Geroago burdinaz markatu eta oraindik haragi errea usaia zeriela saltzen zituen Sarrateak jopuak. Hoberenak prezio onean, gajo eta herbalekin beherapenak egiten zituen. Gainera Ipar Amerikanoei fragata bat erosi zuen jopuak garraiatzeko. Santa Magdalena paratu zion izena. Benetan izen aproposa. Martina Fortuna handia egin zuen Martin Sarrateak. Jauregia eraiki zuen eta gizaldi bukaeran Buenos Aireseko etxe garrantzitsuenetakoa zen berea. Baina Sarratearen fortuna beltza zen eta hala edo nola garbitu behar zuen. 1791. urtean kapare ziurtagiria eskatu zuen Oñatin. Odolaren garbitasun agiriaren txostenean horrela dator “natural de la villa de oñate, hijo lejitimo de Don Juan Sarratea natural de Ciga en el valle del Baztan, reino de Navarra en España”. Badirudi Baztango ondorengoa izateak kapare egiten zuela eta horrek baliabideak ematen zizkiola. 1441ean erregeak baztandarrak kapare egin zituen dekretuz: “Los vecinos et moradores en la dicha tierra de Baztan, así clerigos, como legos, fijosdalgos, francos et indepnes de toda pecha et servetud...” 19 urteko alaba Martina Sarratea ezkontzeko zegoen. Santiago Liniers zen ezkongaia. Gizonak ez zeukan dirurik, zorrak baizik, baina bai prestigioa. Fragata kapitaina zen eta Espainiako gobernuak bidali zuen Rio de la Platara ingelesen erasoetatik hiria defendatzera. Sarratea merkataria zen, diru anitz zeukan eta “aristokrazia” erosteko prest zegoen. Buenos Aireseko katedralean 1791. urtean, abuztuaren 3an ezkondu zen Martina. Frai Francisco Altolaguirrek, bere osabak, eman zion bedeinkazioa. Liniers bikotea funtzionario soldata eta emaztearen familiaren laguntzarekin gainbizi zen. 1802an Santiago Liniers Misiones probintziako gobernadore izendatu zuten eta bere familiarekin Candelaria hirira joan zen. Han gauzak ez zitzaizkien nahi bezain ongi atera. Soldata ez zitzaien ordaintzen. Zazpi ume, Martina haurdun eta dirurik gabe, belaontzian Parana ibaia jaisten, Sarratea etxe aldera zihoazelarik, izurriteak jota, marinelen erdiak, etxekoandrearen zerbitzari larru beltza eta Martina bera zortzigarren haurra umatzean hil ziren. El 29 de abril de 1805 di sepultura con entierro mayor en la capilla de las Conchas a Martina Sarratea legitima mujer de Santiago Liniers gobernador de Papes y Guaraní. El 29 de abril de 1805 di sepultura con entierro menor al cadaver de Pilar Sarratea negra y libre. Liniers familia Martin Sarratearen etxean bizi zen. 1806ko ekainaren 25ean ingelesek Buenos Aires gaineraso zuten, aise sartu ziren eta ezustean hiria zuten hartu. Conpañia de Filipinasek Buenos Aireseko fuertean gordeta zeukan altxorraren bila zebiltzan ingelesak baina Sobremonte erregeordeak altxorra hartu eta ihes egin zuen Cordobara. Orduan ingelesek kaiko ontziak hartuz hiria inguratu zuten errege ordea estutzeko. Merkatariek maltzurkeria handiz hartu zituzten harrapatzaileak. Martin Sarrateak bere etxean ongi etorria afari batekin eman zion Beresford almirante Ingelesari. Hasieratik kontrolatu eta entretenitu zituzten egozketa prestatzen zuten bitartean. Santiago Liniersek heroikiro defendatu zuen hiria eta abuztuaren 12an Beresford almirante berak etsipena sinatu zuen Sarratea etxean. Santiago Liniers ohore guztiekin hartu zuten hirian. Herriak, algara ikaragarrian, Buenos Aireseko kaleak bete zituen Liniersen desfileari jarraituz. 1810eko maiatzaren 25ean independentistek atxilotu eta abuztuaren 26an fusilatu zuten. Ez zituen ongi neurtu indarrak Santiagok: Sarratea familiak bizkarra eman zion. Ez zen jabetu otso artean bularretako dominek balio anitzik ez zutela. Meltxora Madame Stael (deitzen zuten) Martinen alabak solasaldi literarioak antolatzen zituen. Liberala zen, eta bere etxean erein zen independentziaren hazia, bizi soziala etxeetan egiten zen garaian. Aurrea lau etxek zeukaten Escaladak Balbastrok Lucak eta Sarrateak Jabeak merkatariak ziren eta luxu handian bizi ziren. Emakumeak eragin handia ukan zuen iraultzan. Melchora neska ederra eta elegantzi handikoa zen eta bere etxeko saloietan astean behin egiten zituen tertuliak. Bisitariak jantzi eta apaingarri hoberenekin gaten ziren. Ezkongabeak bikote bila. Ezkonduak maitalea bila; Politikoak aukera; espiak informazioa; abertzaleek kide bila, Ilustrazio idazleen liburuak eskuz esku pasatzen zituzten. Garaian Buenos Airesen ez zegoen liburu dendarik. Liburutegiak pribatuak ziren. Meltxorak artistak babestu zituen, emakumearen emantzipazioaren alde lan egin eta iraultza bultzatu zuen. 1776. urtean Ipar Estatu Batuek independentzia deklaratu zuen eta Giza Eskubideak sinatu. Jabego pribatua eta merkataritza librea ere sinatu zituzten. Horrek eragin handia ukan zuen batez ere kriollo gizartean. Agintariek zentsura handia ezarri zuten. Voltairen, Rousseauren, Montesquieuren edo Dideroten liburuek ez zuten aduana pasatzen baina beti gertatzen den bezala, ez dago debekatzea bertzerik jendea zerbait egitera bultzatzeko, eta hala edo nola jendea filosofia berriez jabetzen zen. Metropolioak erregeordea, kargu garrantzitsuak eta funtzionarioak ezartzen zituen. Espainiatik bidaltzen zituzten. Nolabait kriolloak bigarren mailakoak sentitzen ziren. Gero eta gehiago ziren independentziaren alde zeudenak. Haragi kanapeak azukrearekin hornituak, urdaiazpikoa, ardo portugesa, fruitu zukuak, txokolatea… eskaintzen ziren bileretan. Kartetan jokatzen zuten. Altxapeka ere aritzen ziren. Ordu ttikiak ematen zieten polka dantzan. Dudarik gabe atseginak izanen ziren Meltxora Sarratearen tertuliak. Meltxorak, liberala, feminista, intelektuala, zenak iraultza sakonki bizi zuen. Manuel bere anaiarekin elkartasun handia ukan zuen. Biek hautsi zituzten metropoliarekiko kateak. Ez zen erraza garaia emakume liberalentzat, gizonaren babesean bizi baitziren. Ez zuten etxetik kanpo lanik egiten. Ez zieten Politikan aukerarik ematen. Etxeetan kondenatuta zeuden eta etxeetan hasi zuten iraultza. Baziren senar hilaren fusila hartu eta gudara joan zirenak, gudarako urrezko bitxiak saldu eta dirua biltzen zutenak, edo jantziak josten zituztenak gudariak beztitzeko. Madame Estael etxean gelditu zen, baina etxea ireki egin zuen. Gaudinen Apezaren zelibatoaren eragozpenei buruzko oharrak Pazos Kandik itzulitako lana 1816an Meltxoraren tertulian aztertu zen. Vicente Pasos Silva, indio aymara, apeza zen eta bere ama hizkuntzara Argentina independentzia aitorpena itzuli zuen. Londresen Manuel Sarraterekin egon eta bere lana elkarrekin argitaratu zuten. Apeza izateari utzi eta ezkondu zen. Pazos Kandik Buenos Airesko Gazeta sortu zuen. Manuel Martin Sarratea bere semeari heziketa apartekoa ematen saiatu zen. Hamar urteko mutikoarekin familia osoa etorri zenean Euskal Herrira Bergaran Seminario patriotico vascongado deitzen zen eskolan utzi zuen mutikoa. Goi mailako eskola zen. Peñaflorida kondeak bultzatua. Prestigio handia lortu zuen eskolak: bertan intelektual anitz formatu zen. Bergarako eskola hetsi zenean bertako artxiboa Herriko artxibo orokorrera eraman zuten. Joan nintzen ea ze dokumentazio zegoen Manuel Sarrateari buruz, eta eskolan egondakoen zerrendan zetorren. Ordenagailutik atera zidaten zerrenda. Beraz, datu hotzak. Baina mutikoaren gastu xeheak, kaier polit batean eskuz idatziak eskuratu zizkidaten, koadernoa eskuan neukala zirrara sumatu nuen. Mutikoak ukitutako berbera ukitzen ari nintzen. Kaiera anitz erabilia zen. Kaligrafia ederrez idatzia. Berrogei bat mutilen datuak zeuzkan, bakoitzari horri alde bat zetxekion, eta sei hilabeteko gastuen xehetasunak zetozen. Gaineko aldean izena eta abizena; gero beharkizunen zerrenda, eta horrela zen; Igandetako saria. Sastrea. Oinetako konponketak. Posta zergak. …. Eta denetara 1.043-30 real. Atalaren beheko partean familiak izendatutako administrariaren izena: Manuel Arabolaza. Manuelek denetara zazpi urte egin zituen Bergarako eskolan. 1785. urtean abuztuan ailegatu zen, eta 1792. urtean apirilean atera. Gero, Cadizen familiaren negozioetan lan egin zuen non frantsesa eta ingelesa ikasi zituen. 1800. urtean urtarrilaren 2an Buenos Aires hirirako bi txartel bidaia eskatu zituen Sevillan. Berarentzat eta Miguel Antonio Barrena bere morroiarentzat. Manuel Sarratea 24 urterekin ailegatu zen Buenos Airesera. Beraz 13 urte egon zen etxetik kanpo. Agian arrebaren ezteietara joanen zen, baina ez daukagu daturik. Garaiko grabatuen arabera mutil ederra zen, aberatsa eta arrakastatsu, kriolloa eta abertzalea, independentziaren alde beti lan egin zuena. Eztabaidazalea izan zen, kontraesan anitz izan zituen bere ekintza publikoak. Ilustrazioaren ideiak tinko barneratu zituen. Iraultza hasierako ekintzek ikaratu zuten Buenos Aires. Kriolloek merkataritza menperatzen zuten. Berez metropoliak zeukan merkatuaren monopolioa. Baina kontrabandoa “legezkua” zen eta kriolloen esku zegoen. Haiek gogorki, indartuak, independentziaren aldeko urratsak hasi zituzten. Bertze aldea metropoliaren funtzionarioak eta errege ordearen inguruan profitatzen zutenak osatzen zuten. 1810. urtean Maiatzako iraultza izan zen: Argentina estatu berriaren sorrera. Metropolian bi urte lehenago Fernando VII.a erregeak Baionan abdikatu zuen Jose Bonaparteren alde. Buenos Airesen gaizki hartu zuten Frantziaren jabegoa eta Baltasar Hidalgo Cisneros Espainiako erregeordea bota eta kriolloek Cornelio Saavedra lehendakari gobernu bat ezarri zuten. Gobernu honek Fernando VII.aren izenean gobernatzen zuen nahiz eta independentziaren alde egon. Gobernua kontserbadorea zen. Agintariak aldatu nahi zituen baina hortik aitzina gauzak berdintsu nahi zituen. Baziren, aldiz, benetako iraultza egin behar zela uste zutenak. Eta Espainiaren aurka egiteko taldeek zuten adostasuna hautsi zen Cisneros bota ondoren. Hamahiru hilabete geroago, disidente talde batek bota zuen Saavedra eta lehen triunbiratu edo hiruko aginte gobernua ezarri zuen. Manuel Sarratea, Feliciano Chiclana eta Juan Jose Pasok osatu zuten. Rivadivia idazkari. Metropoliarekin erabat moztu nahi zuten eta gizarte kriolloen indarra zeukaten. Baina aginte berriek traba handiak aurkitu zituzten. Uruguain Artigas-ek nekazari eta langileen artean ejertzito bat osatu eta gobernu popular eta ezkertiar bat ezarri nahi zuen Rio de la Platan. Aldiz, Sarratearen taldeek gizarte kosmopolita eta aurrerakoia nahi zuten. Perun jauntxoen erasoei, eta bertzetik Portugesei ibaian aurre egin behar zieten. Sarratea bidali zuten Uruguaira jauntxoei aurre egin gabe negoziaketa bidez ejertzitoaren jabegoa hartzera. Baina ez zuen arrakasta handirik ukan. Triunbiratuak hamahiru hilabete iraun zuen eta Lau aginteko gobernua osatu zenean Sarratea kanpoan gelditu zen. Baina ejertzitoaren buru jarraitu zuen. 1814an iraultzaileek gatazkak gainditurik Madrilera bidali zuten Sarratea Espainiako gobernuarekin bakea negoziatzera. Autonomia baten truke metropoliaren jabegoa onartzeko prest zeuden. Baina Madrilen traidoretzat zuten eta Londresera ihes egin zuen. Rivadivia eta Belgrano misio diplomatikoan zeuden Londresen eta haiekin errefuxiatu zen. Hemen ere ekintza xelebre baten mezulari izan zen. Argentina herri ikusgarria nahi zuten, eta errege baten beharra zeukatela uste zuten. Francisco de Paula Fernando VII.aren anaia zen aukeratua. Negoziazioak nahiko aurreratu zituzten. Konstituzioaren aurreproiektu bat eta guzti idatzi zuten. Baina honek azkenean gibelerat egin zuen eta orduan bahitu eta bortxan Buenos Airesera eraman eta errege egitea otu zitzaien. Gezurra badirudi ere ideia garaian nahiko onartua izan zen Napoleon bera eta Jose San Martin ere aukeraren alde zeudelarik. Ekintzak ez zuen emaitzarik eman, batez ere Napoleon Espainiatik atera eta Fernando VII.a itzuli zelako. Londresen Belgrano eta Rivadiviarekin negoziaketa xelebre hau mamitzen zuen aldian gaua giroa profitatu zuen Sarrateak. Garai honetan ezagutu zuen Lord Byron herri zapalduen babeslea, olerkaria eta intelektual ikonoklasta eta adiskide minak egin ziren. 1815an Pueyredón lehendakariak deitu zuen eta ministro izendatu zuen. Baina denbora guti barru traidore izatea leporatu zioten. Eta Uruguaira espetxeratu zuten. Politika utzi eta Lujanen erretiratu zen. Ezkondu zen Josefina Marinekin eta hiru seme izan zituen. Lurrak erosi eta laborantzan jardun zuen. Egun bere ondorengoek jarraitzen dute etxaldearekin. Berriz ere deitu eta 1820an Buenos Aireseko gobernadore izendatu zuten. Errepublika berri garaian bakea lortzeko pauso zehatzak eman zituen. Guda zibila amaitzeko probintzietako Jauntxoekin tratu bat sinatzea zuen lortu. Tratado del Pilar Dokumentua berak idatzi zuen. Hiru puntu garrantzitsu zeuzkan dokumentuak: Lehenengoa- Nazioaren batasuna ageriko egin. Bigarrena- Probintzietako autonomia baieztatu. Hirugarrena- Gobernua federala deklaratu. Ez zen erraza izan negoziaketa. Dokumentu ofizialaz aparte bertze txosten bat isilpean sinatu zuen jauntxoekin. Dokumentu honen bitartez armamentua ematen zien probintzietako arduradunei. Militarrak jabetu zirenean bere aurka egin zuten, eta ezin izan zituen kontrolatu. Kargua utzi eta Uruguai eta Argentina arteko gudan Artigas bere betiko etsaia zapaldu zuen. Ekintza hau izan zen bere arrakasta pertsonalik handiena. Politika utzi eta berriz ere bere aziendan zegoela Rivadavia Buenos Aires Republikako lehen presidenteak deitu zuen 1826an eta Londresera bidali zuen Argentina enbaxada buru. Uruguai eta Buenos Aires arteko betiko liskarrari bukaera eman zion. Lord Strafordekin negoziatu zuen bi herrien segregazioa. Gero Parisen ireki zuen Argentinako enbaxada, garaiko kargu garrantzitsuenetakoa. Negoziatzen jarraitu zuen baina bere herriaren bakea ez zuen ezagutu. 1849an Euskal Herritik itzuli bat egin ondoren Limogesen hil zen. Gorpua Buenos Airesera eraman zuten. Manuel Sarrateak Buenos Aireseko kale eta enparantza bati izena ematen dio. Anitz eskribitu zuen, kaligrafia polita zeukan. Adituak, dekretuak, akta ofizialak… pertsonalki idazten zituen. Iraultza kideekin ere korrespondentzia handia mantendu zuen. Argentina errepublika berriaren enbaxadore dotorea. Bakearen ideiari handia. Nahiz eta bere ekintzak zuri-beltzak izan, orokorrean aitzindari bat izan zen. Argentina nazioaren sorrera zalapartari hartan ez zuen amore eman eta deitzen zuten aldiro han egon zen. Intentsitatez bizi zuen iraultza. Azkenik Parisen bere bulego erosoan nostalgiaz behatuko zuen gibelerat, eta, batek daki, agian nostalgiak berak mugiturik eginen zuen Euskal Herritik azken itzulia. Martin Sarrateak hamabi ume izan zituen. Adinez oso nagusi hil zen. Bere etxeak, 1788an eraikina Venezuela kalea 469an, oraindik dirau. Kolonial estilokoa, sabaia teilatua, ate eta leihoak zurezkoak, denetara hiru mila metro koadro, erdian patio ederrarekin. Bere alaba Juana Sarrateak heredatu zuen. Fatxadan oroigarri bat dauka. Eta horrela dio: “A don Santiago de Liniers jefe de la Gloriosa Reconquista y heroica defensa de Buenos Aires. 12 de agosto de 1806- 5 de julio de 1807”. Monumentu historikoa da. Liniers eta Peritxona Militar frantsesa zen Santiago de Liniers y Bremond (Niort, Frantzia, 1753ko uztailak 25 - Rio de la Plata, Argentina, 1810ko abuztuak 26), Maltako Ordenako zaldun gurutzeduna, San Juan Ordenako zalduna, Montesa Ordenako zalduna, Errege Armadako ontzi kapitaina. Bertzeak bertze, Espainiako Koroaren ondasun administratzaile eta erregeorde izan zen halaber Rio de la Platan. Jaka urdin-gorrian, urrez azpilduriko papar hegaletan nekez kabitzen ziren Santiagoren domina guziak, gustu handiz ageri nahiko zituenak. Bere gudarien buru desfilatu zuen egun hartan Buenos Airesko kaleetan, jendearen “Liniers!, Liniers!, Liniers!” oihuek erdi zorabiaturik zeukatela. Kalea hartu zuten hiriko biztanleek. Esklaboak aratzeak erretzen ari ziren bitartean, upategiak hustu zituzten tabernariek. Nagusi, zerbitzari, esklabo, etxekoandre, neskatxa, inude eta besoetako haurrak… besta giroan eta algara hordigarrian bilduak ziren guziak, banden himno militarren soinuan, Allons enfants de la patrie, le jour de gloire est arrivé…, Erretirotik Maiatzeko Plaza aldera baitzihoazen soldaduak. Merced kalean ziren ordurako eta, Corrientes kalearekiko bidegurutzean, painelu batek moztu zion bidea kapitainari. Ezpataren punttarekin hartu zuen Santiagok oparia, eta burua gora egitean, ileordeko irineztatua hegaldaka hasi eta, besoa disimulu handienaz luzatuz, bere tokira kapelua eramaten zuen bitartean, zeremoniatsu agurtu zuen painelua bere etxeko leihotik bota zion emakumea. Hogeita hamar urteko emakume ederra zen. Ana Perichon zeritzan eta frantsesa zen, bera bezala. Ana Perchon 1775an Reunion irlan sortu zen eta 1792an Thomas O’Gormanekin ezkondu. Gertakari nagusia izan zen Buenos Airesko kaira Maria Eugenia fragata iritsi zen egun hura. Itsasontzian familia xelebre bat heldu zen. Bikote bat hiru seme eta alaba batekin, hemeretzi jopu larru beltz animaliako zama bizkar gainean eta hiru kutxa erraldoi. Elegante jantzirik desfileak herria gurutzatu zuen biztanleen harridura sortuz. Ana senidetan zaharrena, edertasun handiko neska ezkon berria zen, baina senarra ez zetorren berarekin, gizona, Afrikan zeuzkan negozioak zuzentzen gelditua zen. Aferek maiz eramaten zuten Thomas Platara, batez ere ontziak esklaboz lepo hartara iristen zirenean. Eta senarraren bisitek Anari bi mutiko eman zizkion. Ana ongi egokitu zen Platan, etxalde eder baten jabe, esklaboz lagundua, haren saloietan egiten zituzten hiriko merkatariek eta kontrabandistek tratu eta negozio. Herritarrek laster paratu zioten izengoitia; horrela “Perichona” erraten zioten. Liniers erregeordea Perichonarekin erotu zen; berandu sartu eta goiz ateratzen hasi zen haren etxetik. Laster herriko zumardian besotik helduta paseoan ibiltzen hasi ziren. Egun batean maitalearen etxeko eskaileretan Santiagori gizon batek entzun nahi ez zuena erran zion eta joka hasi ziren, bigarren aldiz ileordekoa hegan joan zitzaion, eta jendeak istiak atera zizkion. Santiagok ez zuen gibelat egiteko asmorik, are gutxiago; emakumea babestu nahian haren etxearen atarian aga bat Frantziako ikurrarekin paratzeko agindua eman zuen eta emakumearekin lo egiten hasi zen. Garaiko gizarte puritanoak ez zituen horrelakoak ongi hartzen, Santiago fama galtzen hasi zen, eta goititu zuten bezala beheititu ere. Buenos Airesko Kontearen domina eskatu izana Espainako koruari; edo Afrikatik 1.000 esklabo garraiatzeko baimena lortu izanak, ez zuen gizona anitz laguntzen, baina Maria Carmen Liniers Sarratea hamasei urteko bere alaba Juan Bautista Perichon hogeita zortziko Anaren anaiarekin, Katedralean besta ikaragarrian ezkondu zirenean Espainiako erregeen baimenik gabe. Jendea arras haserretu zen. Camila eta Ladislao Mutila apeza zen; neska, familia nagusi bateko alaba. Orduan, egoera haietan jartzen ziren muga guztien gainetik pasa eta maitemindu egin ziren, bai eta amodio hartan erre ere. Bikotea fusilatzeko agindua eman zuen Juan Manuel de Rosas lehendakariak, neska haurdun zela ongi jakin arren. Socorro eliza, Suipacha y Juncal herrian, izan zen zoritxarreko amodio horren hasieraren lekuko. 1847. urtean eskandalu ikaragarria sortu zuen gertaera hark Buenos Aires inguruko herri burges, dotore eta lasai hartan. Amatxirengandik heldu zitzaion sedukzio artea Camila O´Gorman, hemeretzi urteko neska eder eta nortasun handikoari, Ana Perichon, Santiago Liniers erregeordearen maitale izan zena, baitzuen amatxi. Leinu porteño zahar batekoak ziren jatorriz O’Gormandarrak, eta Rosas lehendakariaren beraren lagun handiak: Camilaren adinekoa eta lagun mina zen, hain zuzen ere, haren alaba Manuela Rosas. Tucumanetik etorria zen Ladislao Gutierrez, Socorro elizara apez. Hogeita lau urteko mutila, azkarra, hiztun ona eta atsegina. Amaren jatorri aimarari ohore eginez, larru beltzaran, begi bizi eta ile beltz kizkur ederren jabea zen. Berehala erreparatu zion apezak Camilaren xarmari, eta Eduardo O´Gorman anaiaren apez laguna zenez, arazorik gabe zuen ezagutu neska. Bizitzako sasoirik hoberenean zeudelarik, maitasunaren eromenean galdu ziren neska eta mutila. Elizan ikusten zuten elkar, fedearen aurrean zituen zalantzak azaltzen zizkion neskak, eta bereak ere bazituela hauteman zion mutilak. Astunegia zitzaion zelibatoaren zama. Astuna eta zentzugabea, naturaren aurkakoa. Jainkoa nonbait izatekotan, hark berak emana ziokeen maitatzeko ahalmena. Bazuen gibelerat jotzeko eskubidea, eta eginak zituen botoek ez zuten egoera berri hartan balio. Berritik hasiko zuen bizia. Maite zuen emakumea Jainkoaren aitzinean eginen zuen berea, argi asko baitzekien munduaren aurrean ezinezkoa izanen zela. Biziki maitemindua zen Camila, ezin zuen gizon hura gabe bizi. Eta ihesa prestatzen hasi ziren. Zakuto batean arropa batzuk, jateko zerbait eta ahal izan zuten dirua bildu ondoren, bi zaldi hartu eta Lujan aldera atera ziren 1847. abenduaren 12an. Lujanen, tokia utzi zien ostatu jabe batek etxearen gibeleko belaian, eta izarpean elkarrekin lo egin zuten lehendabiziko aldiz. Hamar egun geroago, gobernadorearen aurrean salatu zuen Adolfo O´Gormanek “egundaino ezagutu ez den ekintza ikaragarri” hura. Eta “nornahik miserable, zorigaizto, dohakabe horiek nonahi aurkiturik ere, ekar ditzala” eskatu zion Medrano apezpikuak gobernadoreari, “justiziak agintzen duen arabera zigortuak izan daitezen”. Zortea lagun zutela itxuraz, 1847ko otsailean paperak egin zituzten gazteek nortasun faltsuekin, bai eta pasaportea ere Brasilera joateko asmoz. Baina dirurik gabe gelditu ziren eta, Goya izeneko herri ttiki batean haur eskolarik ez zegoela ikusirik, eskola bat zuten antolatu aurrezki batzuk bildu nahian. Lau hilabete iraun zuten bertan, uztailean apez bat agertu eta Ladislao ezagutu zuen arte. Argiaren abiaduran zabaldu zuen albistea: biharamunean bertan atxilotu eta inkomunikatu zituzten, gobernadorearen aginduz. Gertatuaren berri jakin zueneko, atxilotuak Santos Lugares, garai hartako espetxe gogorrenera, karro banatan eramateko agindu zuen Rosas lehendakariak. Ikara betean ziren maitaleak, euren artean eta munduarekin ezin hitz egin zezaketela. Hala eta guziaz ere, Manolita Rosasi gutun bat helaraztea lortu zuen Camilak. Abuztuaren 8an erantzun zion lehendakariaren alabak, biziari gogor eusteko eta itxaropena ez galtzeko eskatuz eta, arazoa konponbidean zegoela adierazi ondoren, Buenos Airesera lehenbailehen itzuliko zirela adieraziz. Liburu batzuk ere bidali zizkion Ladislaori. Aldi berean, komentu baten bila hasi zen Manuela bere lagunarentzako. Baina Rosasek ez zuen bikotea Buenos Airesen nahi, atxilotuak errazago defendatuko baitziren beharbada hiriburuan, eta hain guti bere alabaren erruki eskaerei erantzun. Bestalde, “egin zuenagatik ez zegoela damuturik, Jainkoarekin bakean zela” aitortu zuen Camilak espetxean. “Noraino ailegatu behar dugu, emakume izanik Jainkoarekin zuzenean komunikatzen hasten badira? Lutero usaina dario… arras arriskutsua da auzi hau”, erran zuen lehendakariak. Zalu eta zehatz ibiliko zen. Argi hastean ailegatu ziren gobernadorearen gudariak. Zaldi trostan eta, beti egiten zuten bezala, zarata ikaragarrian, ate joka, oihuka… Apelazio edo defentsarako aukerarik eman gabe, bikotea fusilatzeko agindu zuen Rosasek. Orduan, zaldiak lehertzeko zorian bidali zituen espetxeko zuzendariak bi zaldun, lehendakariari neska haurdun zegoela gaztigatzera. Bertze bi igorri zituen Manuelarengana, mezu berdinarekin. Manuelak, ordea, egundaino ez zuen mezu hura jasoko. Eguzkia oraindik apal, konfesatzeko aukera eman ondoren, zapi banarekin estali zizkieten begiak bi akusatuei. Eserleku banatan lotu eta gero, bi hagaren gainen eraman zuten lau gudarik atxilotu bakoitza espetxeko patiora, soinu banda eskoltan zutela. Luzea egin zitzaion bidea Camilari. Ostikoka sumatzen zuen umea sabelean, bi eskuekin laztantzen zuen haurtxoa, eta haren bihotzaren taupadak, “tap… tap… tap…”, sumatzen zituen. Ninia ez! Ninia ez! Ez iezadazue ninia hil!, errepikatzen zuen behin eta berriz oihuka bere indar guziekin. Baina inork ez zion aditzen, soinu joleen doinua bikoiztu egin zen espetxeko korridorean. Hain zen estua eta apala, ezen kobazulo bat ematen zuen. Hurbilean sumatzen zuen Ladislao, bere maitea, haren ahatsa, haren usaina… Bere gizona zen eta harengana luzatzen zuen eskua, baina itsuek egiten duten modura, zortea tentatuz. Oihuka aditzen zuen gizona, ero baten moduan. Hil nazazue, baina utz ezazue bizirik nire emaztea, eta nire haurra! Ez ezazue nire semea hil!, errepikatzen zuen behin eta berriz ikaragarrizko doinu lazgarrian. Antzerti batean bezala ari zen hogei urtetan bizi izanikoa ikusten. Ama, beti dotore, etxea zuzentzen, zerbitzua gobernatzen. Aita beti bere negozioetan, etxera opariekin itzultzen aldiro. Familia arteko bazkariak, bazkalondoko egonaldiak. Anai-arreben arteko jostetak. Ingeles klaseak, piano ikasketak,… Jostunak egiten zizkion soinekoak, hamabortz urteak ospatzeko egin zion arrosa koloreko hura bereziki, benetan polita, muselinaz landua, bere lehen emakume soinekoa, maukarik gabea eta bular erdia agerian uzten zuena. Eta amak elizara joateko erosi zion foulard loreztatu hura, emakume bati bezala ilea estaltzen ziona. Hasia zen ordurako mutilen begirada sumatzen eta anitz gustatzen zitzaion. Lehendakariaren etxeko baratzean egiten zituzten bestetara joaten hasi zen egun haiek oroitu zituen. Eta Manuela lagunarekin batera mutilekin irrika ibiltzen ziren egun haiek… Ongi oroitzen zuen Ladislao herriko elizara apez etorri zenekoa. Ordura arte, amarekin joana zen beti elizara, gogo anitzik gabe. Baina apez berriarekin gero eta atseginago egiten zitzaion meza, anitz gustatzen zitzaizkion haren sermoiak… “Nire ninia!”, min egiten zion, sabela lehertu nahian “Nini maitea!”, umea laztantzen negar, negar, eta negar. Camila neurea, badakit neurekin hiltzera zatozela. Munduan ezin izan dugu elkarrekin bizi, zeruan bilduko gara betiko Jinkoarekin. Maite zaitut. Zure Gutierrez. Oihuka bidali zion azken agurra bere maiteari, baina Camilak nekez adi ziezaioken, negar zotinka etsipenak jana baitzegoen gaixoa… Gazteak patioaren erdian utzi, eta fusilak kargatu zituzten zortzi borreroek. Gero, alde batean jarri eta, danborren arrada ikaragarrian, lau tirok kasatu zuten Ladislao, eta hiruk Camila, huts egin baitzuen laugarrenak. Hemezortzigarren eguna zuen 1848ko abuztuak. Camilak hogei urte zituen, eta haurdunaldiko zortzigarren hilabetean zegoen. Ondorio larriak ekarri zituen gertaera horrek, behera erori baitzen haren ondorioz Juan Manuel de Rosasen gobernua. Militantea Josetxo militantea zen. Lehendabiziko semea, bi gaztetxo, haren aita eta ama. Bi amatxi eta aitatxi bi, estatusa estreinatzen. Anitz bestatua izan zen iaio berria eguberriak baitziren. Ospitalera arreba ttikia ezagutzera eraman zuen aitak, bi urte eginak zituen mutikoak ordurako. Aitak automobila erosi eta asteburuetan beti parrandan xarmantki ibiltzen zen familia. Zoriontsuak zirela uste zuten inguruan, itxura ona ematen baitzuten. Zazpi urte zituen mutikoak aitak etxetik alde egin zuenean. Ama, jostuna beti lanean; diruz doidoi, finitu ziren fantasiak. Hasieran asteburutan joaten ziren anai arrebak aitarekin, baina hark automobila galdu zuenean, ia ez zuten ikusten. Ongi ikasten zuen ikastolan mutikoak, eta kirola anitz maite zuen. Egokitzapen sozial aldetik integratua. Aise egiten zen giro gehienetara. Ez zekien noiztik zen militantea, ezta zergatik ere. Horrela suertatu zelako nonbait. Herri ttiki batean sortu eta bizi zen. Ikastolan hasi berria zen diktadorea hil zenean. Kartel eta pintadaz betetako kaleetan jolastu zuen lagunekin estreinako aldiz. Oraindik galtza motzetan, ez zen oroitzen noiz jarri zuen estreinako kartela; ezta nork manatu zion paratzea ere; edo oroitzen zen; baliteke lehendabiziko aldi hartaz oroitzea, baina handik aitzina galdu zuen kontua. Haren bizia goiz makurtu zen, eta gibelat egiteko aukerarik gabeko bidean sartu. Taldearen hasierako ekintza inozoak, hagitz goraipatuak izan ziren. Udaletxean pleno bat orroka lehertzea, edo ikurrin erraldoi bat herriko harresian jartzea, balentria handia zen hamalau urteko mutiko kozkorrentzat. Josetxo ama eta arrebarekin bizi zen. Institutuan fundamentu handirik ez zuen egin, eta amak ofizio bat ikasteko lanbide heziketetara zuzendu zuen, eta mekanikari ikasten hasi zen. Ama maite zuen, baina ezin zitzaion mintzo, ezin zion bere bihotza ireki, eta bien artean harresi bat sortu zen. Mutila berez irekia eta alaia, iheskor eta betizu bihurtu zen, aspaldi ikasi baitzuen bere ekintzen berri ez ematen, bakarrik eraman beharreko zama zen, beraz, pisu handiko zama hura. Beti bakarrik, egunkaria besapean betiko tabernara, taberna ilun eta zaratatsu hartan, betiko diskoak dezibel gorenean. Betiko lagunak han, janzkera kolorebakarrekoak, denak berdin. Ele gutxiko taldea zen berea, ia silababakarrekoa. Arbasoen herria askatzeko hautatuak izan ziren; pribilegio handia, aitzindariak ziren. Koktel Molotov usaina hordigarria zitzaien, zakar ontzien suekin kitzikatzen ziren. Ipar Aldera joan zen lehendabiziko aldi hartan, iraultza buruak ezagutu zituen eta haien onespena hartu, pistola eman baitzioten. Hemezortzi urte bete berria zen Josetxo, eta bizarraren egiteko komando buru egin zuten. Hiru ziren talde kide, txosten bat eskuratu zieten automobil azpian lehergailuak jartzen ikasteko, eta ekintzak egiteko azpiegitura zuten ezagutu. Automobilak ebatsi, matrikula faltsuak lortu, produktu kimikoak... Biziak baditu bere legeak, eta ez gara beti gure buruaren jabe. Baina hori oraindik ez zekien Josetxok neska berri bat ezagutu zuenean. Era bat aparta, orduraino ezagutu zuen neskarik politena, atseginena, alaia eta berba onekoa. Sagardotegi batean gertatu zen, bakailao tortilla eta idi txuleta mahai beraren bueltan dastatu zuten. Maialen zuen izen; neskaren lurrin freskoa, haren begien distira, haren ilearen urre kolorea... ezezaguna, berria, egiten zitzaion; neskaren atentzio osoa zeukan, eta horrek mutila handitu egin zuen; afal ostean pote batzuk hartzera joan ziren, eta neskari telefono zenbakia eskatzea ausartu zen. Ongi zekien horrelakorik ezin zuela egin. Buruz ikasi zenbakia eta paretxoa hautsi zuen. Taldearekiko traizio handia zen. Arau zorrotz pean egin zen talde kide, eta sartzea erraza bazen, ez hala ateratzea, eta hori arras ongi zekien Josetxok. Biluzik ohatzean sartu eta argia itzali zuen. Loak hartu ezinik, neskaren iduriak jarraitzen zion. Estreinako aldiz zeraman bizimodua zalantzan jartzen hasi zen. Militantziaren bakardadea, militantziaren bide ilun eta estuak argi ikusten hasi zen. Eta, aspaldian ez bezala fantasiari eman zion aukera; neskaren ezpainak musuka erdi lo gelditu zen. Tailer batean lana lortu zuen Josetxok. Automobilak konpontzen gustura aritzen zen, eta bere burua hornitzeko haina irabazten zuen. Maiz hartzen zuen autobusa ilunabarrean, eta Donostiako alde zaharrera hurbiltzen, neska ikusteko irrikan. Batzuetan ikusten zuen lagunekin irrika, txantxetan; durduzaz eta dardaraz, zirrara osoan hurbiltzen zitzaion neskari. Neskak irribarretsu hartzen zuen, limur zoragarri hark, olgetan, ziri sartzen, mutila txoratzen zuen. Josetxo zalantzak jana zegoen. Bere buruarekiko konfiantza galtzen ari zen. Ahul eta sentibera, niregatik dago? gustuko nau? Maialen! Maialen! Maialen! mailu bat zen neskaren izena bere buruan. Estugarri, itolarrian negarra zeriola biltzen zen ohatzera. Bizia bikoiztu izan balitzaio bezala sentitzen hasi zen. Bere lehen ekintza prest zegoen, lehergailua egina, objektiboa zehaztua, eguna eta ordua adostea gelditzen zen. Aukera izan balu ez zukeen eginen, baina, bazekien ezin zuela gibelat egin. Azken ekintza izanen zela erabaki zuen. Erabakia hustu zuen, indargabetu, ahuldu; leize sakon baten barruan ikusten zuen bere bizia, eta leize haren hondarrean, beltza, dena beltza... Lagun baten aitaren xaian prestatu zuen lehergailua. Ez zekien nor zen biktima, ez zen bere ardura. Talde kide biek objektiboa artatua zuten; gauero zelatari motoan joaten baitziren. Eguna eta ordua adostua zutela, Josetxok lehergailua motxilan sartu zuen, eta garajean konpontzen ari zen bezero baten kotxean sartu. Arratsaldeko zortziak ziren. Goizeko ordu bitan gelditua zen Easo aparkaleku parean. Kideak zain egonen ziren eta elkarrekin joanen ziren ekintza burutzera. Sei ordu, sei ordu luzeak, sei ordu kiratsak gelditzen zitzaizkion. Eta Maialeni deitu zion. Ez zekien nondik atera zuen adorea, baina deitu zion, eta neska etxean zegoen gainera. Ez zen erraza izan haren konbentzitzea, azkenik, garagardo bat hartzeko haineko tartea hartuko zuela erran zion, eta ordu erdi batean kai parean ostatu baten terrazan gelditu ziren. Josetxok automobila hartu eta zuzenean aparkalekuan utzi zuen, etxetik hogei kilometrora. Arin abiatu zen, lastaren gabe, loturaren gabe, maitasunaren bila. Zertaz mintzatu ziren? Ezerez, eta denez, sedukzio joko leun eta zalantzati hartan. Premia sartu zitzaion Maialeni, berandu ari zitzaiola egiten erran zion, biharamun goizean azterketa bat zeukan, eta etxean errietan eginen ziotelako. Bazihoazten gazteak Kontxako hondartzatik Ondarreta aldera, itsas behera, arras behera egun hartan, ze oinez joan baitzitekeen Haizeen Orraziraino. Alderdi Eder parean eskutik helduak elkarri beha gelditu ziren gazteak. Besarka gozo batean bildu ziren eta batean, neska laxatu eta lasterka eskuarekin aio eginez galdu zuen hegian. Zein iheslari, gibelat beha gelditu zen Josetxo, zeru mugarantz. Lau ordu, lau ordu gelditzen zitzaizkion. Lau ordu luze eta kiratsak; taberna bitan egon zen denbora galtzen, denbora egiten. Kaleak ustu ziren, leihoak ilundu eta kotxeak gelditu. Bakar bakarrik aparkalekura hurbildu eta kotxean sartu zen. Ordu bitan atera zen eta kideak moto batean zain zeuzkan, solasik egin gabe jarraitu zien, eta zuzenean Ondarretako Mikelete kalera heldu ziren. Audi bati azpiko aldean lehergailu lapa bat atxiki zion Josetxok. Nekatua, arras nekatua, bere buruarekin haserre ohatzean sartu zen; irratia biztu zuen, bazekien ez zuela lorik eginen, itzuli eta itzuli mandiria lepoan korapilaturik, lomoker eta izerditan, goizeko zortzietan aditu zuen albistea: Ondarretako Mikelete etorbidean duela hamar minutu lehergailu batek eztanda egin eta A.B. Kazetaria eta bere alaba M.B hilik suertatu dira. Dirudienez, lehergailuak, kotxeari atxikia, motorra martxan jartzean eztanda egin du... Mendiolatik Dogonera Hirurogei urtetan joan nintzen Afrika ezagutzera. Aspaldiko ametsa zen, eta Mali omen zen Afrikako arima sentitzeko lurralderik interesgarriena. Halaxe esan zidaten eta harantz abiatu nintzen. Sahara eta tropiko artean dago Mali, Sahel erdian. Lurralde honetan basamortuko suak eta Niger ibaiaren isuri isilak paisaia magikoa sortzen dute, eta herri ugari elkarrekin bizi dira: Touareg-ak, Peulak Bozo-ak, Dogon-ak... abeltzainak, arrantzaleak eta nekazariak... Kultur aberastasun handia dago, bakoitzak bere historia du. Guziek, ordea, hitza erabiltzen dute iragana jarauntsi eta helarazteko; ipuin, mito, abesti eta kontakizunen bitartez herriaren jatorria lekuko zaharren berbatik ikasten dute belaunaldiz belaunaldi. Gidariak lerrotu zidan txostena irakurtzen, hartu zuen lur hegazkinak. Pausu arinean sartu nintzen Bamakoko aireportuko aretoan. Berehala jabetu nintzen, ordea, gauzak bertzelakoak zirela Afrikan, eta lasai ibili behar zela. Bamakori ez nion itxura onik hartu; bazirudien dena itzulipurdika zebilela: zikinkeria, usain txarra, ezinezko trafikoa. Kapitalismoaren alderik txarrena, nolanahi ere. Hamabi lagun gindoazen, 4x4 noranahiko batean hurrengo egunean. Gurdi bidez Dejenne-ra iritsi ginen, eta nire uste txar guziak aise ziren joan. Dejenne: jakintsuen eta merkatuen hirian; buztinez eraikia den meskita paregabearen bazterrean, astelehenero inguruko merkaturik ederrena egiten da. Etnia guztietako tratante, gurdi, orga, garraio asto, bezero, edo bitartekoek enparantza betetzen dute. Merkatua da besta bat. Neska eta mutil gazteak propiki apainduak bikote bila; ama gazteak haurra bizkarrean arin. Sendabelar saltzaile eta etorkizun irakurle. Haragia, arraina, barazkiak, laranja eta limoiak. Sukalde altzariak eta oihalak; zapelak, ile apaingarriak, eta oinetakoak... Eta haien denen artean plastikozko azpilak, neurri eta kolore guzietakoak. Egun osoa pasa genuen merkatuan, eta denbora laburra egin zitzaidan benetan. Meskita ederra da, baita ederrenen artean ere. Buztinez, lastoz eta olioz egina, “baco” deritzon teknikarekin eraikia. Dejenne hiri osoa bezala. Baina etxebizitzen xumetasunaren ondoan meskitak jauregi xarmagarria ematen du. Eraikina gizaldi bat zaharra da. XII. gizaldian egindako baten gainean goratua. Gaur egun ikusten den bezala, erran daiteke herriko biztanleen artean egina dela. Urtero, ur handiak eta gero, uholdeek hondatzen dutena denen artean konpontzen dutelako. Adobez egindako munduko eraikinik handiena da. Ezin izan genuen bisitatu. Mopti: Venezia beltza deitzen diote. Baliteke. Niger ibaian nabigatzen duten ontziak eraikitzen dira Mopti hiriko ontzioletan; zehatzago errateko, ia hiri osoa ontziola handi bat da. Oso interesgarria eta berezia. Afaldu, kaian itzuli bat egin eta garaiz lo egitera erretiratu ginen, biharamunean goiz pinaza batean Niger behera abiatzeko. Niger: “ibaien ibaia” bereber mintzoan nahi du erran. Denbora luzez inork ez zekien non sortzen zen. Abenturazale anitz ibili zen iturburuaren bila, eta batzuek biziarekin ordaindu zuten ausardia. Ibaia apetaz, Atlantikotik gertu Ginean sortu eta basamortuan sartzen da. Tunbuktu aldean supituki itzuli egiten da berriro Atlantikora, eta Nigerian itsasoratzen. Niger ibai bizia da. “Bozoak” arrantza gizon gotorrak, inguruan dira bizi. Egun osoan, sareak bota, itxaron, amua prestatu, arraina eguzkitan lehortu, lasai, astiro. Txoriz inguraturik; irribarretsu, hortzak airean hartzen gintuzten: arraina erosi egiten genien, gero gure “pinazan” su ttiki batean erre eta jateko. Hiru egun nabigatu genuen ibaian, dendatxuetan lo egitera bazterrean gelditu eta. Gibelat gelditu zen Niger ur padura, mila motako arrain eta txoriekin. “Peul” abeltzainek behiak ur bazterretan edanaraztera joaten dituzten unea, magikoa da. Esnez elikatzen dira Peulak, eta handiak dira. Gizona lastozko txapela buruan. Eta emakumeak haurra bizkarrean zapi eder batean bilduta. Burua harro, sudurra eta belarriak kateorratzez apailaturik lepo luzean lepokoak eta arrakadak harro erakusten. Atorra, gona azpian, gorputz larruaren sentsualitatea airean. Eskuturrean, orkatiletan, eraztunak eta harribitxiak. Peul emakumeek ez dute urritzen politak egoteko unean. Behien joareen toberek, gizonen erausiak, zakurren zaunkek, karabanen ahotsek eta usainek erreka bazterrean bizia goraipa dute. Tunbuktu Tun zeritzon emakume batek ur putzu bat zaintzen zuen lekuan handitu zen hiria. Tunbuktu, basamortuko sekretua, 333 santuen ortu santu. Bero ikaragarria egiten zuen, baina hiriak merezi zuen. Hiriak galdutako handitasunaren aztarnak oraindik ikusgai. Meskita ederrak, Kati familiaren liburutegia, mundu islamikoan garrantzi handikoa. Basamortutik gatza garraioan, gamelu karabanen topagunea. Non dago Tunbuktuko urrea? Mediterraneo aldetik hirira ailegatzen ziren mota guztietako produktuak, urrearekin ordaintzen zituztenak. Sekretua izan zen bezala Kati familiak, 1492an, Espainiatik atera zituen liburu zaharren altxapea. Gidariak emandako txostena eskuan neraman, eta bertan hiru meskita aipatzen ziren: Sankore, Sidi Yahia, eta Djinguereber. Harrigarria zen, baina egundaino Tunbuktu hiriari buruz ez nuen deus entzun edo irakurri, dena zen berria niretzat. Djinquereber meskitaren aurreko larrainean eseri nintzen, eta eraikinaren edertasunak hunkitu ninduen. 1327. urtean gauzatua, buztinez eta zurez eraikia; olerki baten antzera lerrokaturiko osagaiek, oreka perfektuan lotuta, goi mailako monumentu dute bihurtzen. Es-Saheli, Granadan sortua, arkitekto eta olerkaria, Mekara joan zen erromes, eta bidean Kanga Mussa Maliko erregea ezagutu zuen, eta meskitaren eraikitzeko eskatu zion. Erregea aberatsa, oso aberatsa zen: 600 esklabo eta 400 morroirekin egin zuen Mekarako bidea. Iluntzen ari zuen eta, ostatura itzultzeko tenorea. Ongi sentitzen nintzen. Hantxe nengoen ni, emakume bakarra, europar jantziekin, baina inork ez ninduen gaizki begiratzen; are gehiago, mutil gazteek irribarretsu “Bon anniversaire madame”, zorionak opatzen zizkidaten (nire urtemuga zen eta lagunek albistea zabaldu zuten). Tuaregak, durbante azpian ezkutatuta, pauso arinean harro beti, gizon artean zebiltzan. Egundaino emazteki batekin. Hala eta guztiz ere, gauzak aldatzen ari ziren. XIX. gizaldi bukaeran Tunbuktutik ez zen atzerritar bat bera ere bizirik ateratzen. 1827. urtean Rene Caillé frantziarra bizirik atera zen europar bakarra izan zen. “Azkenean, zorionez, Tunbuktun sartu gara” izan ziren bere lehen hitzak; Frantziara itzuli zen eta gobernuak saritu zuen. 1826. urtean Gordon Laing eskoziarra izan zen Tunbuktun sartu zen Europako lehen gizona, baina hiriko agintariek handik igorri zuten, eta, ihes zihoala, bi morroirekin batera hil egin zuten. Poliki-poliki ari nintzen laketzen. Tunbuktu gainetik begiratu, eta basamortuan sartu ginen, izarpean lo egin eta tuareg familia batekin bazkaltzera joan ginen. Bidean, inoiz ikusi ditudan neskatilarik politenak nituen ezagutu. Basamortu erdian, inongo bidean, merkatu batean. Dogon Herria Txokolatezkoa ematen du Dogon herriak. Etxeak, ttikiak eta borobilak, buztinezkoak, lastoz burutuak. Jatorriz zurezko ate bakarrekoak, non familiaren historia zizelkatzen zuten; egun, turistei atea saldu eta txapazkoa ordainean jarri egiten dute. Haurrez inguraturik hasi nuen ibilaldia. Gehienak mutikoak ziren, neskatilak etxean amarekin gelditzen baitira etxekoandre lanaren ikasten. Haurrak oso maitagarriak ziren, begien ilun distira inguratzen duen zuria eta hortzak izan ezik, dena beltz ederra; gorputza, liraina eta malgua. Oinutsik harriz harri, matxinsaltoak bailiran. Dogon herria Afrikako herri animista eta nekazaria da; jatorrizko baliabide gutxikoa izanik, gehien bat artatxikia ekoizten dute. Frantsesa da hizkuntza ofiziala, baina euren mintzoa bizi-bizian dago, nahiz eta alfabetorik ez ukan. Abdolay eta Awa neska-mutilak egun osoan nirekin ibili ziren. Eskolan frantsesa ikasi zuten eta nire erdara txepelarekin komunikazioa lortu genuen. Dogon herriak kreazioaren eraikuntzaren mitoa nahi du izan. Honelaxe kontatu zidaten. “Herria ipar aldetik hego aldera, gizon bat etzanda bailitzan eraikitzen da. Buruan, Duguna, Dogon herriko zaharrekin gizonak batzartzen diren tokia. Dugunak zortzi zurezko zutabe dauzka, hainbat arbaso nagusiren omenez. Eraikina, lastozko sabaiarekin finitua. Besoetan, neskatilak hilerokoa daukatenean erretiratzen diren tokia. Gorputzean, etxe bizitzak eta uzta biltzeko aretoak. Hanketan, sexu sinboloa: hego harria, emea, eta goranzko harri luzea, arra. Amma, Jaungoiko kreatzailea. Dogon baitan Ammak dena zuen sortu: lurra, ura, zuhaitzak animaliak ilargia... Sirios izarraren babesean bizi dira. Hirurogei urtean behin, izarra Dogon herritik pasatzen da, eta bestatzeko, jaialdi handi bat egiten da. Sigi jaialdirako “Iminana” maskara egiten dute. Suge luze bat irudikatzen duen maskara hau hamar metro luze izaten ahal da, eta Dogon handiaren lehena irudikatzen du. Herri osoaren aitzinean aurkeztu, eta jendeak, gaizki eginak aitortu ondoren, errukia eskatzen du. Gero, maskara hau erre egiten dute, eta hurrengo jaialdirako berri bat egiten hasten”. Ostatuaren terrazan, zaku batean lo egin nuen. Herrian argirik ez zegoen, baina erre usaia sumatzen nuen. Familiak sutondoan afaltzen igartzen nituen. Haratago, minarete baten matraka aditzen zen. A ze madarikazioa! pentsatu nuen. Erlijioa bazterrak nahastera… Zortzi bat urte izanen nituen etxean aitak irratia erosi zuenean. Iraultza bat izan zen irratiarena gure sukaldean. Aitak apaltxo bat egin zuen eta amak tresna berria estaltzeko kortinatxo bat egin zion. Eskuin aldean, begi handi bat zeukan irratiak, nonbait ezin zen estali; hortaz, agerian gelditu zen, eta etxeko euli guztiek bertan kaka egiten zuten. Irratia erosi arte, arratsetan, sutondoan arrosarioa errezatzen genuen. Benetan xelebreak ziren gure arrosario haiek. Aitak zare bat arto erauzten zuen bitartean, haurrok lagatzean zintzilik zegoen gaztaina paderari epeka itzuli bat ematen genion; amak, bitartean, afaria egiten zuen, eta eskuak okupa-tuta izaten zituenez, “Agur Mariak” zenbatzen zituen: “Bat agur Mar…Bi agur Ma…” eta horrela, hamar arte. Gerta zitekeen errezo erdian amak aitari “oiloak bazkatu dituzu?” galdetzea. Letaniak, ez dakit zergatik, latinez errezatzen genituen, latinez eta ikaragarrizko abiadan, afariaren usain gozoak animaturik, orapronobisorapronobis…. Irratia aitak ekarri zuen eta gure etxean ez zen egundaino arrosariorik errezatu. Arrosarioaren ordez irratia entzuten genuen. Dragut Dragut Bizar Gorri pirataren “lugar tenientea” zen, itsaslapur gotorra, Zikladas irlak konkistatu nahian, 1498. urtean, txalupa batean haietara ailegatu zen. Txalupan, kutxa handi batean altxor ikaragarria zeraman. Ierakas irlako arroketan altxorra altxatzeko kobazulo aproposa aurkitu zuen: harkaitz artean, putzu handi baten muturrean leize sakon bat. Hartu zuen altxorra piratak bi marinelen laguntzarekin, eta leizean kutxa sartzerakoan, marinelak zituen bultzatu altxorrarekin batera leize barnera. Bi gizonak marrumaka gelditu ziren leizean atera ezinik. Draguten txalupan mutiko gazte bat zihoan eta gertatutakoa ikusi zuen. Mutikoa handitu zen eta, Lepantoko gudan zauritua, 1571. urtean agure zahar bat izanik, Ierakas-era itzuli zen. Txalupa kaian bildu, etxekoak agurtu eta altxorra bila joan zen. Leizean bi marinelen marrumak entzun zituen, sartu zen gizonak salbatzeko asmoarekin, baina oihartzunak besterik ez ziren. Atera ezinik gelditu, eta etsipenean negarrari eman zion. Orduan, marinelen arimek errukiturik agurea txori bihurtu zuten. Hegan atera zen gizona. Handik gutira, zuhaitz batean zegoela, bere hiletak zituen ikusi. Ngorongoro Ailegatu gara Ngorongoro eltzearen gailurrera. Egunez iristea zen asmoa eltzearen zola gailurretik ilunabarrean ikusi ahal izateko, baina ezinezkoa izan da. Arratsaldeko seiak dira eta dagoeneko iluntzen ari du. Ngorongoro lurralde babestua da eta masaiek zaintzen dute. Nola nahi ere, gobernuaren funtzionario dira. Belai ttiki batean eman digute baimena kanpamenduaren paratzeko. Dendak ezarri eta su handi bat egin dugu. Denetara, hamabi lagun. Sukaldariak afaria prestatzen digun bitartean, arropa zikina zaku batean sartu eta masaiei eman diogu garbitzeko. 5 dolar zakuko eskatu digute, eta pozik eman ere, beraz, bazuen gure arropak garbitzeko premia. Mutilak su handi bat egin, eta lapiko erraldoi batean lixiba egiten ikusi ditut. “Gaur, uztailaren hamaseigarrena dugu eta ilargi betea” dio gidariak. Hogeitazortzi egunean behin ilargi betea Ngorongoro eltzea argitzen, eta guri suertatu zaigu. Magikoa iruditu zait ilargi zurixka mendi artean ateratzen. Su inguruan afaltzeko eseri garenerako, ilargia gainean dugu. Txuri-txuri, elegante argitzen du gure mahaia. Hurbil, argi zuripean, zuhaitzek gizandiak dirudite, noiz zurrumurruka noiz txistuka, kilker abesbatzaren kontzertuari jarrai. Baratzea borobila eta zelaia da; sumendi baten zulo sakona, zola hogeita zortzi kilometroko diametrokoa duena, eta bertan hiru aintzira daude: bi geza eta gazi bat bat, eta akazia baso bat ere bai. Goizean, lainoz estalia, eltze bat taparekin ematen du. Eguerdi aldera, lainoak zulatu dira eta eguzkiak laku gazia zilarrezko ispilu bat bihurtu du; ertzean marra arrosa bat: flamenkoak dira. Aldiz, laku gezak urdin ilunak, hipopotamoen eraginez, beltza ematen dute bazterrak. Aldapetan, masaiak behiak bazkatzen; soineko kolore biziz, ageriko egiten direlarik. Ngorongoron Afrikako ia animalia guziak bizi dira; jirafak izan ezik, ezin dutelako bertara heltzeko erroitza jaitsi. Pikondo berde ilun erraldoiak, txori koloretsuz beteak. Kanaberatan, bele eta zozoak elkarrekin. Ur paduran, ahate, antzara eta piruak arrantzan, Arranoak haratustel bila hegaletan. Milaka txori koloretsu artattiki eta gari mokoka. Belarra horixka dago, milaka zebra eta ñu jaten ari dira. Bufalo kafre talde bat etzanda, deskantsuan. Errinozeronte beltz bat bere umearekin bazkan; haren ondoan, txori txuri lirain bat belar izpi artean. Elefante zahar bat ur liliak eta kimu beratzak jaten. Ez da eltzetik aterako, bertan hilko da. Haginak galdu ditu eta ezin du belarra matxikatu. Gertu, elefante hilerria dago, hezurdura zuriz estalia. Lehoi familia bat ehizara atera da; bortz dira: bi eme, ar bat eta bi ume. Lehoi aldea astiro belaia gurutzatzen ari da. Aitzina begira. Ostruka ar bat emea limurtzeren dantzan, batbatean, dantza bertan behera utzi eta ihes du egin. Zebra bat buru tente, adi. Ostruka ezkutatzen ikusi du. Handik gutira, zebrak bere susmoa ziurtatu du: lehoi aldea heldu da. Zebrak irrintzi batekin taldeari abisatu eta denak batera lauoinketan ihes egin dute. Eta haien gibeletik ñuak. Heldu dira lehoiak, gure automobilaren ondoondotik pasa dira, lau metrora ikusi ditut. Arra liskarrean ibilia ematen du, itsuski zauritua dago. Lehoiak jaramonik egin gabe, astiro, baldar, lerroz lerro zelaiaren gurutzatzen, bistan galdu ditugu. Ostrukak lasaitu direla ematen du eta hurbildu gara ia berriro arra dantzan ikusten dugun. Eta ikusi ere… ostruka arrak, isats azpian harako poltson zuri bat dauka, isatsa haizemaile modura astinduz, emearen aitzinean dantza egiten du. Ikuskizun txit polita, edertasun handiko balet bat. Emeak muzin egiten dio, baina arrak ez du amore ematen eta dantzan ikusi dut emearekin batera zuhaixka artean altxatu den arte... Antilopeek, gepardoek, lehoinabarrek... denek daukate lekua eltzean. Belaia sendabelarrez betea, inarra loretan, krabelinak eta izpilikua ere bai. Kamamila eta erromeroa, anisa, ezki lorea eta berbena, ziapea eta jengibrea, eta denen usainaren ufada bakarrean, erle eta liztor, lanean. Badira ere lore apaingarriak. Bioletak, bitxiloreak, kuku prakak, lirioak, hiazintoak. Kaktus erraldoiak armiarma sarez beteak. Arrosak zuhaitz gora eta kolore guztietakoak. Huntz hostoz estalitako zuhaitzetan, huntzak altxapean. Intxaurrondo eta urritzetan, katagorriak adarrez adar. Lerai akazia basoraino ailegatu gara. Basoa estua eta itzala da, eta akaziak, erraldoiak. Tximinoek adarrez adar, ate morroi, masaien baso sakratua zaintzen dute. Egundaino inork ez du ezta adar bat ere basoan mozten. Guda handian Datoga eta Masaien hilotzak akazien oinetan ehortzi zituzten eta, hilerri profanazio bat litzateke. Bazkal ostean, eguzkia apaltzen hasi da, lurrari lanbroa dario, giroa hotz. Parkean egoteko dugun baimena arratsaldeko lauretan akitzen da, beraz, ez dugu denbora gehiegi, eta mantso-mantso abiatu gara irteerara. Errinozerontea Kriskitinak joka. ─ Jaiki neska-mutilak! kafea prest duzue. ─Aupa neska-mutilak! ─ Bere andaluziar doinu bereziarekin goizero lauretan ernatzen gaitu gidariak. Manu du izena eta sevillarra da. Sukaldaria tanzaniarra da, Daby du izena, larru beltz ederra, ia bi metro altu. Galtza loredunen gainean, elastikoa maukarik gabe, beso sendoak agerian utziz. Lepo gotor gainean, ile sasi handia, Bob Marley modura orraztua. Aurpegia alaia, begiak beltz distiratsuak, sudur mintza zabalen azpian, ezpain handiak airea musuka. Itxura bikaina mutilarena. Sukaldari ona da, eta txit maitagarria, beti daki nork nahi duen kafea ala tea, nork ez duen zukurik nahi… Goizekoa da otordurik hoberena: arrautza eta txingarra, laranja zukua, ogi zigorra, marmelada, kafea… Bortzetan, gosaldu ondoren, zalu eta gogotsu hasten dut eguna. Goiza hotza da; belarra ihintzez blai, belai handia zeharkatzen ari gara mantso-mantso animaliak ikusten. Bufalo kafre talde bat, inpala bikotea, antilopeak, gazelak… ez gaituzte ezta begiratu ere egiten, arrotzak sentitzen gara, badirudi ez dutela bazkatzeko tenorean bisitarik nahi. Halako batean, txoferrak kamioia gelditu du. “Ixo! Ixo!” dio gidariak. Bide ertzean errinozeronte zuri bikote bat dago; alimalekoak dira, gris zurixkak, belarra jan eta jan ari dira. Seiehun kilo belar jaten omen ditu egunean bakoitzak. Errinozeronteek ez gaituzte ikusten. Azienda primitiboak dira; bista motza dute; usaimena daukate garatua eta haien gida da, baina oraingoan haizea aurka daukate. Errinozeronteek beren lurraldeko mugak pixaz ihinztatu eta gotor defendatzen dituzte. Bakean uzten bazaio, ez da animalia erasotzailea; haserrean, sudur adarrarekin adarka kasatzen du arrotza. Dinosauroak akitu zirenean, belarjale erraldoiek hartu zuten haien tokia. Duela milioika urte gertatu zen. Errinozerontea, mamuta, bisontea… zelai handitan egokitzen joan ziren. Errinozerontea animalia mitikoa da. Txinpantzea zuhaitzetatik jaitsi eta zutik hasi zenean, errinozerontea zelaietan bizi zen. Hasieratik liluramendua sortuko zuen gizakiarengan, kobazuloetan maiz marraztu baitzuen gizonak haren irudia. Lau bat metro luze, ia bi metro altu, munduan dauden espezie handienetan laugarrena da. Hogei bat mila buru bertzerik ez dira gelditzen Afrikan; kontinentea kolonizatu baino lehen, ordea, miloi aletik gora bizi ziren. Animaliaren defentsa sudur gaineko adar handia da, aldi berean, bere galera izan dena. Antzinatik izan da preziatua errinozerontearen adarra. Gizakiaren sexu potentzia indartzeko gaitasunak bazituela pentsatzen zuten, eta sarraskia ikaragarria izan zen. Gaur egun, espezia babestua da, baina desagertzeko arriskuan, betiere. Kamioiko leihotik begira denbora bat egon gara, isil-isilean, errinozeronteak zanpa-zanpa belar jaten bata bertzearen gibeletik urrundu diren arte. Bat marraztu eginen dut. Muturra, luzea. Ezpain handiak, sudur azpian eta gainean, adar nagusia. Goraxeago, adar motza. Masailezur gainean, begiak. Handik gora, kopeta, handia; belarriak, motzak. Gorputza, lodia eta luzea. Hanka motz sendoak. Buztana, arina. Eguerdi aldera, parkean, eguzkia eta belarra dar-dar; lekukoak, berriz, altxapean, kobazuloetan, sasipean. Haizea nagi, zeruan hodei pusketak alfer, egonean… Baringo Laku geza, 130 kilometro koadro handi, Afrikan den txori leku oparoena. Laurehun bat txori espezie bizi dira bertan. Lakua uherra da, ia ez da ikusten, lurrarekin bat nahasten delako. Txoriak dira nagusi. Harribitxien kolorea hartzen dute: azabatxea, korala, esmeralda, lapislazulia, karmina, kobaltoa…, horiek denak oreka perfektuan janzten dituzte txoriek. Goliat gartza, munduan den mota handiena, lakuaren bazterrean bizi da. Bakartia, liraina eta malgua da, opera emanaldi baterako bezala apaindua, emazteki tankera ematen diot. Belusezko bizkar estalkia, setazko soinekoa, lepoa mokoraino luzea, bularrerainoko perlaz osatutako koilarea. Harro, ahaltsu, elegante hartzen du hegaldia. Mattin arrantzalea, urdin berdexka, papo gorri eta lepo zuri; mokoa, beltz luze eta ezpata bezain indartsua. Egun osoa arrantzan ematen du, buruz txorrotxioan murgiltzen da uretan eta arraina mokoan itzultzen, txitatzen ari den bere txori lagunari jatekoa ematera. Txori ehuleek lan polita egiten dute, zuhaitz adarretatik zilintzan egiten dituzte habiak. Ehuna parpaila modura, sagar handi baten neurrian bukatuak. Binaka aritzen dira lanean, belar izpiak, goroildua … eta horrelako osagaiak ekarri eta hegaletan iruten. Lur lehorrean, oasi eder bat da aintzira. Handik hurbil bizi diren pokot komunitateko emakumeek koilaretan txorien kolore berak erakusten dituzte. Bizi miserable xamarra pokot tribuarena. Ahuntzak zaindu eta ehizan aritzen dira. Nomadak dira; fruitu lehorrak biltzen dituzte negu gorrian jateko. Ahuntz larruekin egiten dituzte etxolak, baita helduen soinekoak ere (nahiko politak). Emakumeek koilare ikusgarriak luzitzen dituzte bular gainean, norberaren estatusaren ezaugarri. Ez dakite arropa garbitzen. Haurrek, Europako jantzi zikin eta zulatuak gainean. Nahiz eta Kenyan haurrak eskolara joan, ez du ematen hemengoek hori egiten dutenik. Komunitatea ttikia da, apenas berrogei bat lagun. Etxola bat bisitatu dugu: borobila da, sua erdian eta bazterretan etzateko lekuak. Pertsona zutik ez da kabitzen, nahi eta nahi ez totoriko ibili behar du. Abar ziztadunez egindako hesi baten barnean ahuntzak bilduak; bertan etxola ttiki-ttiki bat dago, piztietatik aziendak zaintzeko, eta han bertan mutikoek egiten dute lo. Neskatikoek, ezkondu arte, amatxirekin egiten dute lo, begiratuak izateko. Lau sosen truke, dozena erdi bat emakume guretzako dira dantzatu. Emakume batzuek, adinez nagusi, nahiko ximelduak, abesti triste bat abesten. Zanzibar Arushako aireportu aldera goaz, hegazkina hartu eta Zanzibar irlan geldituko gara. Bertan hiru egun eginen ditugu. Urrunean, Kilimanjaro mutur beltz, kaska zuri ageri da. Zanzibar Tanzanian dago, Hindiko ozeanoan. 1.600 kilometro koadro dauzka, eta miloi bat biztanle. Swahili herria da. Stone Town du hiriburua. Zuria, gorria, beltza. Ederra. Hiru egun egonen gara uhartean. Itsas gorarekin batera ailegatu gara. Ura epel-epela dago eta gazia. Hartu dugun ostatuak, hondartzan ederki kokatuak, arrunta bada ere, luxuzko terraza dauka. Zuhaitz erraldoi batzuen azpian etzanda egoteko amaka batzuk daude. Zernahi fruitu zuku bertan lau sosetan hartzen ditugu. Otorduak ere, hantxe, lagun batekin, eginen ditut. Itsaskiak eta mariskoa, arroza eta barazkiak, iltze kanela eta nahi haina espeziekin hornituak; ongi jangarriak. Ilunabarra gozoa da. Haize epel iltze kanelaz lurrinduak ferekatzen gaitu. Itsasbehera hagitz handia; itsaspadurak pare bat kilometro hartzen ditu. Emakumeak itsas belarrak biltzen ari dira. Zango erdiraino sartzen dira uretan, eta kotoizko soineko bustiak gorpuari atxikitzen zaizkio, lamiña sentsualak bailiran, itsasoko arrantzaleek limurtzen. Area zuri-zuria da; bazterra koralezko arrokek babesten dute, zeinetan itsaso esmeralda lehertzen baita. Ederra eta aberatsa da benetan tokia: itsas belar mila koloretakoak, barraskilo polit eta molde anitzetakoak, belakiak, koralak... Bi egun itsaso bazterrean egon ondoren, Harrizko Hirira joan gara. Shangani merkatari auzoan hartu dugu ostatu. Hiriko alde zaharreko kale estuetan, denda anitz, eta jendez lepo. Denen gainetik, Meskiten minareteak zerurantz. Oraindik tratanteen jauregi ospetsuen aztarnak begi bistan daude, esklaboak biltzeko erabiltzen zituzten aretoenak ere bai, mendetan izan baitzen Zanzibar esklaboak saltzen zituzten munduko merkaturik handiena. Hiria bizia da, arraza eta sinesmen guzietako jendea dago, nor bere modura jantzia: badira masaiak haien soineko eta apaingarri bereziekin; soineko arin eta sentsualekin jantzitako emakume afrikarrak, gizonezko soineko zuriz jantziak edo galtza bakeroekin, era bat beltzez estalitako emazteki islamiarrak…, eta turistak, nola nahi apainduak; gaizki, noski. Zanzibartarrek, kai bazterrean, parke batean afaltzen dute. Hainbat txosna moduko aretoak jartzen dituzte, eta bertan, sukaldariek prestatzen dute janaria. Eta, ze janaria! Familia osoak joaten dira bertan jatekoa erosi eta eserleku publikoetan eserita afaltzera. ─Zer iruditzen zain hemen afaltzen badugu?─ Galdetu diot nire lagunari. ─Bai, ba, zergatik ez? ─ Gogotsu erantzun dit. Plastikozko platertxo bana hartu eta txosnaz txosna itzuli bat egin dugu. Ez da erraza aukera: arrozak, barazkiak, bildots errea, oilaskoa, olagarroa, txipia eta txipiroiak plantxan, otarrain eta otarrainxkak… Lagunak ukondoz besoan eman dit bildots errearen gainetik, lastozko haizemaile batekin euliak nola uxatzen ari diren seinalatuz. ─Begira ezan hori…. ─Bai, ikusi dinat. Lasai, lasai, hau Afrika dun neska…─ Gogoarazi diot, eta irribarretsu jarraitu dugu. Nik arrain errea eta txipia plantxan egindako barazkiekin hartu dut. Platera gainezka, esertzeko toki baten bila ari garela, emakume batek keinuka deitu digu. Burua estalia dauka, baina ez aurpegia; senarra bi alaba eta edadezko emakume batekin dago eta tokia egin digute ondoan. ─Where do you come from ?─Sinpatiaz galde egin digu. ─Europa… europarrak gara… ─Biek batera erantzun diogu. Musulmanak dira. Gustura egon gara berbetan, erdi ingelesez, edo keinuka, baina elkar ulertu dugu. Jakinminez etengabe ari zaizkigu galdezka. Zein den gure lana, bakarrik joanak garen, zein den gure Jinkoa… Edadezko emakumeak gure senarrak non diren galdetu digu. Guk ez dugula senarrik erran diogunean, harrituta gelditu da, gazteena, berriz, ia irriz lehertu da. Neskatikoek gure apaingarri eta eskuak ukitzen dizkigute. Gizona irakaslea dela erran digu; emaztea, etxekoandre; haurrak ingelesez eskolan ikasten ari direla, swahili eta familiako betiko hizkuntza ere badakizkitela. Ia iluntzen hasi denean, besarkada batekin anfitrioiak agurtu eta sentsazio on batekin hotelera abiatu gara. ─Ongi afaldu dinagu, ezta? ─Erran dit lagunak. ─Bai halaxe dun, agian, baso bat ardo faltan sumatu dinat… Baina musulmanek ez diten alkoholik edaten, hortaz… Akuna matata. Goiz jaiki gara, uharteko gure azken orduak dira, eguerdian abioia hartzekoak gara, eta hotelean galdetu dugu ia badagoen edozer interesgarria goizean ikusteko. Arraina enkantean ateratzen dutela eta ikusgarria dela erran digute. Hara joan gara goizeko zazpietan. Hiriko kaleetan jende guti dabil: kale garbitzaileren bat; gizonezkoak lanera, meskitetara; haurrak eskola aldera, baina bezperan ikusitakoarekin deus parekorik. Ez dago turistarik, ile hori bakarrak gu biok gara, ez gaituzte begiratu ere egiten. Arrandegia, edo arraina enkantatzen duten aretoa, hiri erdigunetik hurbil; areto beltz erraldoia da. Arrantzaleek gauez arrantzatutako arraina oraindik bizirik dakarte, garraio mota guziak erabiliz: bizkar gainean, bizikletaz, esku gurdiz. Ezpata arraina buztanetik helduta arrastaka… Aretoaren erdian dago baskula; ezinezkoa haraino ailegatzea. Oihu erausia itzala da, jasan ezina. Arrantzaleek, iritsi ahala, lurrean mukurutzen dute arraina, txipiroiak, sepiak, olagarroak; arrainak ihes egin nahian espaloian zehar... Usaina hagitz pisua eta sakona; ehunka gizon izerditan, oihuka, elkarri bultzaka. Gizon larru beltzak, kaska motz, Vanarasi Indiako zazpi hiri sakratuetako bat da Vanarasi, Ganges ibaiaren ertzean. Kasi (“guziaz ederra, eguzkia bezain distiratsua” hindi hizkuntzan) zeritzan antzina, eta K.a. 3100. urtean eraiki zuten, Shiva jainkoaren malko bat erori zen lekuan, hain zuzen. Horrela idatzi zuen (bere garaian) Mark Twain idazle satirikoak. Historia aitzinekoa da Vanarasi, tradizioa baino antzinagokoa, elezaharrak berak baino lehenagokoa, eta horiek denak baino bi aldiz zaharragoa dirudi. Inpresio handia eragiten duen hiria da. Bi milioi biztanle ditu, baina baliteke denak erroldatuak ez egotea. Egunero ailegatzen da jende berria hirira, garraio modu guziak erabiliz. Anitz ez dira gehiago etxera itzuliko; batzuk, sosik gabe geldituko direlako; bertze batzuk, ibai ertzean hil nahi dutelako. Hinduistak bizian behin joan beharreko hiria denez, mota guztietako jendea biltzen da bertara. Eta hantxe nahasten dira kasta guziak, aberatsak eta eskaleak, gazteak eta zaharrak. Animaliek ere badute beren tokia; jendearen artean bizi dira, bertzeak bertze, behiak, zakurrak, bufaloak, basurdeak eta ahuntzak… Vanarasin kalean egiten da bizia; usaina, kolorea, erritmoa, asotsa eta kutsadura dira han garaile, eta horien guztien gainetik errezoak, abestiak eta erreguak. 2.510 kilometro luze da Ganges, “Jinkosa Ibaia”, munduko ibai kutsatuenetako bat. Haren ertzean milaka hilotz erre eta errautsak segidan uretarat igortzen dituzte egunero. Hinduisten artean deus ez da hala ezaguturik, nola baita beren hilez hartzen duten arreta berezia. Badakite heriotzarekin arima galtzen ez dela, eta bertan gelditu den gorputza berriz arimarekin bat egin beharra dela. Nonahi prestatzen dituzte egur metak, hilotzak gainean hartzeko prest. Hildakoa gizonezkoa bada, gertu egoten da bere alarguntsa, kaska motz eta zuriz jantzia, isil-isilik. Ingelesak Indiara ailegatu baino lehen, senarrarekin batera erre zezan bere burua surat botatzen ziren alarguntsak. Gero, izugarrikeria hori debekatu zutenez, ibai bazterrean gelditzen dira alarguntsak hil arte. Seme zaharrenak bizten du su txondorra, eta errespetuz ondoan gelditzen da sua itzali arte. Bufaloak uretan bainatzen ari diren bitartean, ibai bazterrean biluzten da jendea eta, arropa garbitu eta eguzkian hedatu ondoren, bainatu eta jantzi egiten da berriro. Erromesak fede handiz bertan bainatzen ari diren bitarte horretan, kometak zerurantz astintzen aritzen dira haurrak; bizar mozten, barberuak, eta egitekoan, gainerako guziak: masajistak, sukaldariak, saltzaileak, erosleak, turistak… Surrealista xamar gertatzen da hau guzia nire antzeko agnostiko baten begietan. Alabaina, erlijio bat baino areago bizi modu bat da hinduismoa. Hinduisten sinesteetan ez dago sortzailerik, hinduismoak ez dauka elizarik, ezta gidaririk ere. Veda testuetan ageri diren herri gurtzeak, ohiturak eta sinesmenak dira hinduisten erlijioaren funts eta oinarria. Betikoa da Veda, ez du hasierarik ez bukaerarik. Milaka urtetan zabaldu da, ahoz aho. Testuak berandu idatzi ziren, K.a. 700. urtearen inguruan, baina ahozkoa da benetako Veda, bere doinuak ditu eta gauzak horrela direla irakasten diete maisuek ikasleei. Mila milioi jarraitzaile ditu hinduismoak, eta 330 bat milioi jinko gurtzen dituzte haren jarraitzaileek aldi berean, mota anitzetako Jinkoak eta Jinkosak baitituzte: piztiak, zuhaitzak, mendiak eta ibaiak, loreak, lurrinak, koloreak… Izena duen guzia da gurgarria. Egunerokoan bizi dituzte hinduistek Jinkoak. Tassiliak Ajjerko Tassilliak Tuareg xarmagarriekin gurutzatu ditugu. Ez da erraza paraje hauen edertasuna deskribatzea. Dena da berria niretzat, gezurrezkoa dirudit. Ez daukat zerekin parekatu, konparatu. Haizeak duna erraldoiak zizelkatu eta desbideratzen dituen hareazko itsaso izugarria. Alimaleko harrizko mendi desorekatuen itxura keriatsuak. Bat-bateko haitzarteko ur gardenak edo ustekabeko liliak. Izarrez betetako gau magikoak. Gaur, sei orduko ibilaldia eginen dugu. Argi hastean atera gara ongi gosalduak. Motxilan, ura eta eguerdiko otordua. 1800 metrora behar dugu igo. Mendi mazela harritza eta gogorra da, beraz, eguzkiak berotu baino lehen ailegatu nahi dugu. Urteetan goseak eta etsipenak bultzaturik, hego aldetik ipar aldera Algeriako basamortua gurutzatzen duten emigranteek ireki zuten bidea egin dugu. Helmuga Libia da. Muamar Gadafik ongi hartzen zituen eta egoitza eta behi bat ere ematen zien. Bide bazterrean nonahi oinetakoak daude. Zapata muturrek, ahate mokoen antzera irekita, harri artean zeruari diote begiratzen. Neskatila zapatatxo batekin gelditu naiz. “Corte Ingles” dendetan saltzen diren horietako bat da, koloretako uhalez osatua. Takoia hautsia dauka. Oinetakoa eskuan, hotzikara sentitu dut. Neska imajina dezaket, gaztea eta behartsua. Baina, Bakarrik zihoan? Haurra zeraman bizkarrean? Edonora ailegatu bazen... bete ziren haren ametsak? Gabarain ordokiak, Libia eta Argeliako mugako sumendi baten ohatzean kokatuak, hiri magiko baten antza dauka. Harrizko bloke erraldoien sotoek eta terrazek kale, zumardi eta enparantzetara ematen dute. Eta badira kale nagusiak eta eskulturekin hornitutako enparantza nagusiak. Kale estuak dituzten auzo xumeak. Zutabe zizelkatuekin eraikitako jauregiak. Iturri agorrak. Ehunka hego harri, errota-etxeak antzu. Munduko haitzetako artearen kapela “Sixtina” deitzen diote Gabarain haitzuloetako margo bildumari. Henri Lhote frantziar ikertzailea denbora luzea egon zen bertan bizitzen, eta 1957 urtean ikerketa zabaldu zuen. Duela hamar mila urte paraje hauek umelak, emankorrak eta hostotsuak ziren, bertan, zibilizazio dinamiko bat gauzatu zen. Ez dakigu zein zen artista hauen asmoa egoitzak dekoratzen, nolanahi ere, euren biziaren berri utzi zuten. Badakigu abeltzainak zirela, ehiztariak, eta zirrika ezagutzen zutela. Lurraldean bizi ziren animalia eta piztiak ongi irudikatuak daude: lehoia, jirafa, antilopea, elefantea, hipopotamoa, basahuntza, behia, zaldia, gamelua… Ehunka pertsonaia abereekin, ehizan, dantzan… Gizarte antolakuntza tribala zela ematen du. Marrazkiak eta grabatuak goi mailakoak dira, pigmentu gorrixka, zuria, beltza erabiltzen zuten eta arras ongi iraun du oraino. Pertsonaia anitzek emazteki antza dauka: gerri fina, bular keinua, eta zango sendoak, gona motzaren azpian. Lirainak eta malguak zein baleta dantzariak. Kashgar Turfan-en trena hartu eta, Taklamaklan basamortua ipar-sortaldetik gaindituz, Kashgar hirira ailegatu ginen, eta Marko Polorekin oroitu nintzen… Kashgar antzina erreinua izan zen; gaur egun Khan Handiaren menpe bizi diren biztanleek Mahoma gurtzen dute. Ipar-ekialde eta sortalde aldera hiri eta gaztelu anitz daude eta horietatik handiena Kashgar da. Ofizio eta merkataritza dituzte ogibide. Bertako merkatariak sarritan joaten dira munduan zehar. Baratzea eta mahatsondo anitzen jabe dira eta kotoi preziatua ekoizten dute. Beren mintzoa daukate. Kristauak ere badira eta badituzte elizak. Lurraldea bortz jardunalditan gurutzatzen da. Nahiz eta antzinako hiria beheiti etortzeko zorian egon, badu bere xarma. Ofizio guziak kaleetan daude: bizargileak, okinak, jostunak, txapel eta boneta egileak, abere hiltzaile eta larrutzaileak, bitxigile eta saltzaileak, eta horien denen artean: barazkiak, fruituak, arrautza eta esnekiak. Gari eta laboreak. Perretxiko eta onddoak. Espezia eta ongailuak, kolore eta zapore guzietakoak. Usaina: pisua, sakona, gozoa, geza, samina… erre usaina, perfume usaina, izerdi eta hanka usaina… mando kaka ufada, ahuntz eta ardi larru kiratsa… Zetaren Bidea gaur, atzo bezala, merkataritza eta kultura anitzean datza. Kashgarren komunitatea gehien bat Uigur-a da. Bide gurutze batean kokaturik, antzinako usadio eta ohiturei atxikia, betiko mintzoa mantentzen du; musulmana da eta meskita ederra hiriko enparantzan dago. Kirgis-ak, tadjik-ak, kazako-ak, uzbeko-ak…ematen diote hiriari kolorea eta aniztasuna; merkatuari, interesa eta oparotasuna, eta, aldi berean, herriari, mestizaje osasuntsua. Bi egun egon ginen Kashgarren eta laburra egin zitzaidan. Bertako biztanle eta tratanteekin kalean jaten genuen. Janari bizi-bizia, bizkorra, zaporetsua eta pipertsua. Ez genekien zer eramaten genuen ahora, baina “Tira, ondokoari ongi egiten badio, guri ere ongi digu”. Pentsatzen genuen. Erosketa xarmantak egin nituen. Agure xahar batekin egin nuen tratu. Denda ttiki baten atean eserita lo zegoen, zuriz jantzia iugur txapeltxoa buruan eta bizar luze. Bitrina antzeko batean zeuzkan merkantzia guziak, hauek ere denboretan lo, aspaldiko hauts batez estaliak. Trapu bat hartu eta garbitu egin zuen beirazko estalkia. Eta hantxe zeuzkan era sinplean, antzinako modura, zilarrarekin kateatu eta krokatuak, harribitxi eta perlak. Eraztun, koilare, belarritako edo amuletoak…Txit politak. Harar 122.000 biztanle, 82 meskita, eta 200 santu hobi, harresiz inguratua. Islamaren laugarren hiri santua. Etiopiako sortalderantz kokatua. Herri musulmana, zazpigarren gizaldian sortua, Adal-eko sultangoa. Askotariko etniak daude: Harari, Amhara, Oromo, Somali, Tigray... Hiriak erdi arora eramaten zaitu. Harresiko bortz ateetan, gizonak josten, harakinak oilasko hiltzen, gozogile, gozosaltzaile, zapatagile, ile moztaile... Egunero sartzen dira Oromo nekazariak astoak egurrez, ikatzez, patataz, azukre kanaberaz... gainezka kontrabandoan Somaliatik garraio. Intziensoaren, kanelaren, kafearen, albahakaren eta hainbat belarren usainek, emakumeen jantzien koloreek eta hiriko bizimoduek liluratu zuten Arthur Rimbaud poeta frantsesa, eta bere azken hamar urteak hantxe egin zituen. Hiria biziki ederra da, kale estuak, makurrak, etxeak ttikiak eta propiki apainduak, ate eta leiho koloretsu. Etxeetako patio babestuetan emakumeak, ezkutuan aditu egiten direnak. Mutiko koxkorrak, kale arteko enparantza ttikietan. Han-hemenka asto bat atarian lotua, edo oilar bat ihesian. Gizonak meskita bidean, noraezean turistak... Kahat-a da gaur egun Harari lurraldean egiten den negozio handiena. Bizigarri bat da kahat deritzon hori; zuhaitz hosto sortu berri xamurra, argi hastean ihintzez blai bildu eta berrogeita zortzi ordu baino lehen matxikatu egiten dena. Arazo handiak sortzen duen hostoa da, zaletuz gero, ahoa belztu, hortzak galearazi eta erotu ere egiten duena. Sarritan ikusten dira gizonak etzanda kalean erabat zorabiatuak. Harar-ko kahat-a munduko hoberentzat hartua da, eta Itsaso Gorriraino iristen da haren merkatua. Goiz hasten da hiriko harresiko kanpoko aldean, narkotiko azokan hosto enkantea; algara ederrean emakumeak dira merkatua aitzina eramaten dutenak. Alimaleko kamioi ilara egoten da hostoaren zain Somaliara eramateko; gero, ordu gutitan, hegazkinez Yemen-era heltzen da. Herrialde hura da narkotikoaren lehen kontsumitzailea. Arratsalde apalean, imanak erregu egitera deitzen duenean, emakumeak, tunika gorri, more edo urre kolorezkoak galtza gainean, eta painelua buruan erretiratzen dira etxe txuri ate urdin, berde, edo moreetara. Kafea, tea eta hosto bigunak prestatzeren, gizonak meskitatik itzultzen direnean, elkarrekin eginen dituzte erausian orduak hosto matxikatzen eta kafe edaten. Lalibela Bagindoazen gogotsu Abune Yusef lau mila metroko mendiaren mazelak gurutzatzen, ikaragarrizko erroitz artetik genekusan ibarrak liluratzen gintuela; ehunka nekazari herrixka, zeinek, txinoei esker, etxolak txapaz estaliak zeuzkaten; Etiopiako ipar aldean geunden, Lalibela-ko bidean. Etiopian ehun miloi biztanle bizi dira; haietatik laurogei miloi, nekazari. Musolinik, 1936an, Etiopia inbaditu zuen, eta betiko bideak egin zituen asfaltatu. Milaka urte zeramaten behiak, ahuntzak eta astoak bide haiek egiten ura edateko putzuetara. Animaliak burmuinean GPSa zuten kokatua, eta inork inoiz ezin izan zituen handik lekutu. Are gehiago, lehentasuna argi zuten: lehenik eurek, gero, ahal zenean, gure “todo terrenoa” astiro, poliki... Lalibela 1160 aldera sortu eta erlekume batek inguratu zuen, handik datorkio izena (lalibela, erlekumea amarikoz). Bere amak patu onaren zeinu hartu zuen gertatutakoa eta errege izanen zela aurresan zuen. Eta hala izan zen errege 1181tik 1221arte. Giristinoa zen, eta musulmanek Jerusalen inbaditu zutenean, Etiopiako ipar aldean, mendi artean, inoren bidean, Jerusalen berri bat eraikitzea erabaki zuen. Hamaika eliz lurpeko harkaitz artean zizelkatzeko agindua eman zuen. Kondairak dionez, erregea Jinkoak bahitu eta zerura zuen eraman, eta eraikin zoragarriak erakutsi zizkion, eta bere herrira itzuli eta bertan ikusitakoak eraikitzeko eskatu zion. Kondairarekin jarraituz, aingeruak langileren laguntzera etortzen ziren, eta iluntzean aingeruek jarraitzen zuten lanarekin. Eliz bat bederen gau batez aingeruek egina omen. Elizak ederrak dira, sinesgaitzak, ehun urtetan eginak, gehienak harri bakarrean garatuak, xarmantki dekoratuak eta nahiko ongi kontserbatuak. Lekua kezkagarria da, misteriotsua, harrigarria. Erromesak jite agurgarrian zuriz jantziak, makil bat eskuan, gurutze handiak ageriko, Jinkoaren erregu, bakarka edo multzoka, isilean edo doinu tristean errezitatzen... ni bezalako fede gutiko batentzat... Kiristian ortodoxoen hiri saindua da. 2005ean Unescok humanitatearen ondasuna izendatu zuen Lalibela. Lais Korintokoa Grezia zaharrean, Peloponesoko guden garaian, Korinton sortutako hetaira famatua izan zen Lais. Ederren artean ederrena. Lehendabiziko emazteki filosofoa. Korinton, Elokuentzia eta Amodioaren Baratza eraiki zuen, eta han biltzen ziren garaiko filosofoak. Aristipo izan zuen maisu eta maitale; haren lanen arteko bi Laisi buruzkoak dira. Aristipok bezala, gizonaren azken helburua plazerra zela irakasten zuen Laisek. Bere baratzean besta handiak egiten zituen, eta goi mailako filosofoak bertan biltzen ziren, non gizakiarentzako plazeraren onurak zituzten eztabaidatzen. Gaztetxo zela, hainbat eskultorek haitzurdinean zizelkatu zuten haren iduria. Apeles margolariak Afrodita irudikatzeko hartu zuen neskatxa modelo, eta berarekin eraman zuen Atenasera. Neskak Tenpluan ezagutu zituen filosofoak, eta bere faboreak eskaintzen zuen ikasi. Demostenesek neska ezagutu zuenean, 10.000 drakma eskaini zizkion berarekin gau bat egotearen ordez, baina hark ezetz erran zion, bere gustukoekin baizik ez baitzen oheratzen. Nostalgiak jota Korintora itzultzeko gogoa adierazi zion bere maitaleari, eta Aristipo eta biak itzuli ziren Korintora. Ordurako goi mailako hetaira zen Lais, eta Afroditari loreak eskaintzera Tenplura zuzendu zen. Neska Tenpluan sartu zenean, bertan zeuden prostitutek Laisen edertasunaz liluraturik bidea egin zioten, gero, han zeuden gizonek bizkar gainean atera zuten hetaira. Aspasia Periclesen maitalearen laguna egin zen, eta hark alargun zahar aberats bat aurkeztu zion eta harekin zen ezkondu Lais, gero, Aspasiak berak lagundu zion gizona kasatzeko modua aurkitzen. Lais alarguntsa aberatsa zen, eta jauregi oparo bat erosi zuen, non Elokuentzia eta Amodioaren baratza zuen paratu. Aristipori fidela ezin zitzaiola izan erran zion, eta bere bideari zion jarraitu. Edertasuna galtzen zuen heinean, galdu zituen maitale, lagunak eta dirua. Edariari eman zion, eta 10 drakmetan saltzen zen Tenpluaren izkinan. Hirurogei urterekin ezagutu zuen mutil gazte bat, berarekin maitemindu eta lan bila Tesaliara joan ziren. Tesalian, Tenpluan mutilarekin larrutan ari zela atzeman zuten eta, harrikatu zuten hil arte. Baina, herriak Lais ez zuen ahantzi, Korinton mausoleo bat eraiki zuten bere izenean, bertan paratu zituzten haren irudiarekin egindako eskulturak. Elokuentzia eta Amodioaren Baratzea denborarekin zimelduz joan zen, iturriak agortu eta eskulturak erori ziren, baina bertako gliziniak, kameliak, hortentsiak eta arrosak bere gisa joan ziren oihanetik, eta oraindik hantxe daude. Haragiaren bekatu… Axularrek ere ezagutzen zuen Lais: Kontatzen du Aulo Geliok Korintoko herrian zela emazte eder bat, famatua, amultsua eta plazer egilea, eta ofizioaren baliatzen ongi zakiena. Bada egun batez Demostenes filososo handi hura emaztearen aldetik iragaten zela, kilikatu zen, ernatu zen, linburtzen hasi zen: eta galde egin zion Lais berari ia zenbana saltzen zen fruitua, zer balio zuen merkatalgoak. Eta alegerarik, ustez ezen ihizia sarean zuen, eskatu zion suma handi baten, gehiago bortzehun ezkuturen baino: Handiari handiki, Demostenek aditu zuenean emamutiriaren demanda, ihardetsi zion, ez uste bezala: ez dut nik urrikitzea edo errukia horren garestia erosten. Erran balio bezala: Badakit, andrea, ezen baldin nik orain iragan baneza zurekin neure apetitu desordenatua, urriki lekidakeela berehala. Bada urrikitze hura, ondoko damu hura, ez dut horren kario erosten, eta ez hargatik hainbat diru ematen. Eskarnio egin ustea, gelditu zen eskarniatua. Eta Demostenek eman zuen hartan aditzera bekatuari betiere bere ondotik urrikia darraiola. Gau beltza Abuztuko egun hartan, Juana Josefa eta bere sei seme-alabak nekez zeuden lo borda biluzian, gizonen oihuak aditu zituztenean; ernatzeko moduko oihuak, lazgarriak, eta oihu artean, sua; su eta ke artean, erdi itorik atera ziren arnas hartzera; oraindik arnasestuka zituzten inguratu, iraindu eta haizkatu; Legarreako leizeko bidean ziriak sutan zuzendu zituztenean baino ez zen emakumea gertatzen ari zitzaionaz jabetu; “oraindik nik ez dut inor hil eta” alkateren hitzak oroitu zituen, hitz horiexek, hain zuzen, aditu zituen alkatea eta bi zinegotzi ilunabar batez etxera etorri zirenean, batzarrean hartutako erabakia zela eta, etxetik joateko gonbitea egitera, gonbitea, horixe, gonbitea eta ez agindua; “oraindik nik ez dut inor hil eta” alkateak argi utzi ukan nahi zuela pentsatu zuen Juana Josefak, nekez sabel handitua, hasi zenean malda goiti; zortzigarren hilabetean ernari malda goiti, sei haur negarrez inguraturik, ziriak sutan akuilu, egin zituen emakumeak leizerainoko hirurehun metroak; hirurehun metroetan, bere bizi miserablearen iruzkinak ikusi zituen; ile hori eta begi urdin, neska xarmanta, horixe izan zen bere galera, gizonak beti gibeletik lizunkeriatan, emakumeen gorrotoa sumatzen zuen, eta apeza, apezaren etxea parez pare, apez urdearen begiradak hormatua utzi zuen, auxilio eske joan zitzaionean, “etxetik igorri bazaituzte, zerbaiten gaitik izanen da, ezta?” bertzerik gabe bota zion eta; bazekien apezak senarra urrun zuela, dirurik gabe gelditu zela, ezin zuela etxe errenta ordaindu, ezta umeak elikatu ere; apezak eta herriko guziek ere bai, ogi idor puskak gauez etxeko atean uzten zionak bezalaxe, edo zaku bat baba beltz etxeko atean utzi zionak; bere larritasunaz herri osoak zekien; goseak hilik joaten zela patata edo kalabaza batzuk herrikideen baratzetan hartzera, eta horregatik iraindu egiten zutela; “begizuri zikina” sarritan zuen aditua, apo hilak etxeko atarian, etxeko ur zikinen zurruta trabatua, etxeko leiho azpian sua..., horiexek denak egin zutela ahuldu, indargabetu; bazekien Juana Josefak, amore eman zuela, etxea utzi eta senarra etorri bitartean mendiko borda hartara joan zenean; hil zorian baino ez zuen argi ikusi Juana Josefak, herri guziaren bekatu ispilu zela, eta handik lekutzea erabaki zutela, eta bereak eta bere familiarenak egina zuela; leizeko zulo aho bazterrean lau gizon armatuei otoi egin zien, “hil nazazue lehenik”; ez zuen umeak hiltzen ikusi nahi. 1936ko abuztuaren hamargarrenean Juana Josefa Goñi Sagardia haurdun, bere sei umeekin batera, desagertu zen arrastorik utzi gabe. Laurogei urte geroago, Legarrea leizetik, Malerrekako Gaztelun, bizi zen etxetik bortz ehun metrora, familiaren gorpuzkinak atera zituzten. Pelotaria Lagun berri bat egin nuen egun hura arras ongi oroitzen dut. Bazen denbora lagunak galtzen ari nintzela; denboraren poderioz, batzuk betiko joan egiten ziren; bertze batzuk, herriz aldatzen. Bizi berritzeari uko egiten zietenak ere baziren, betikoetan murgildurik, beti dela berria garaia, ez dela gelditzen, gu egiten garela gelditu jabetu barik. “Euskaraz mintzatu nahi dut”, izan ziren bere lehendabiziko hitzak. Biolontxelo, Zelanda Berritik zetorren, eta euskararekin maitemindu zen. Mintza-lagun hartu ninduen, eta badira hamar urte gure asteroko zita ez dugula barkatzen. Musikariak lau sarrera eman zizkidan Kursaal aretoan Euskadiko Orkestraren emanaldi bat entzuteko. Sarrerak profitatzeren, hiru lagunei deitu nien, baina haietako bat ez zen etorri, eta txartel bat soberan neukan. Txartel leihatilan jende ilara zegoen, eta gizon bat ailegatu zen hartara. Hurbildu nintzaion eta soberan neukan txartela eskaini. Atseginez hartu zidan eta sakelara eraman zuen eskua, sosa bila. Nik ezetz erran nion, niri dohainik emana zelako, eta irribarretsu eskertuz, agurtu ninduen. Hamartarren ilaran zenbatuak geneuzkan sarrerak; eskuineko muturrean, bi, eta ezkerrekoan, bertze biak. Lagunei galde egin nien ia nork nahi zuen gizonaren ondoan eseri. –Ezta pentsatu ere. Hik eman dion txartela, orain, hoa berarekin -erantzun zidaten aho batez. Gizonaren ondoan eseri eta kortesiazko solas batzuk egin orduko salatu gintuen geure mintzoak. Elkarri beha gelditu ginen. –Ez zara ba baztandarra izanen? –Bai, Almandozkoa… –Ez da egia izanen… Zu Lolita zara! Nirekin komekatu zuen neskatiko polit hura! -oihu egin zuen gizonak ia-ia, nire etxeko izen kuttuna ahoskatu eta. –Eta zu, Elias Pierola pilotaria zara! -erantzun nion harrituta. Besarkatu ginen, eta hitza batak bertzeari kenduz, gure biziaren berri ematen hasi ginen. Ordurako berrogeita hamar urte baziren-eta ez genuela elkar ikusi. Ilararen bertze muturrean, ikaraturik begiratzen ninduten nire lagunek, arrotz batekin musuka ari nintzela uste baitzuten, nonbait. Beldur ziren burutik emana ote nengoen edo. Argiak itzali zirenean, berrogeita hemeretzi urte egin nuen gibelat orkestraren doinuan. Maiatza zen, eta lehendabiziko komunioa hartu nuen. Egun ederra izan zen hura, batez ere soineko zuri polit bat estreinatu nuelako. Eliasen ama jostuna zen, eta nire amaren laguna. Berak egin zidan soinekoa eta egun hartan, Elias marinelez jantzia ondoan neukala, bazkaldu ere egin nuen haien etxean. Ama erditzeko tenorean zen, handik egun gutira ahizpa sortu baitzen, eta etxean gelditu behar izan zuen. Urte hartan herrian hamabi neska-mutilek hartu genuen lehendabiziko komunioa, eta norbaitek elizako atarian argazki bat egin zigun. Nire ondoan ageri da Elias argazki hartan. Geltokia Beti dago zerbait galtzeko. Etxeak ez dauka erlaitzik, baratzean lorerik. Zakurra atarian lo. Oiloak atzaparka, oilarra beti oilar eta dotore. Zerria kaiolan, ura eta bazka kautxuzko zirrika azpilan. Ondoko zuhaitzak fruituz beteak, pomeloa, laranja, lima... Landan, mandioka, artoa... Larrean, behi pare bat eta behorra. Tren geltokiko nagusia trenaren zain zegoen; azken bortz urteetan ez zen trenik heldu, bazen denbora bertakoek alde egin zutela, baina berari inork ez zion deus erran, eta bere lanpostuan jarraitzen zuen. Posta bulegoan soldata hartzeren, hilean behin, abrez egiten zituen ehun kilometro. Beharrezko erosketak egin eta etxera itzultzen zen. Emaztea eta biak bizi ziren, inorekin harremanik gabe. Tren bideko burdinak ateratzera etorri ziren egun hartan; hartara etorriak ezin sinets gelditu ziren, gizonaren egoera ezagutzean. Argentinako Ipar Handian, Bolibiarekin, Paraguayrekin, eta Txilerekin mugan, Salta lurraldea kokatzen da. 1990ean, gobernuak tren sarea pribatizatu zuen eta probintzietako aginteen zainpean utzi. Haiek, autobusei lehentasuna emanez, berrantolatu zuten garraioa. Tren sarea alde batera utziz, ehunka herri fantasma ziren sortu. Felipe bigarrenari eskutitz Felipe erregea, jatorriz espainola, Karlos menderaezinaren semea. Lope de Agirre, zure gutxieneko zerbitzari, kiristian zaharra, guraso helduen seme, nire goraldian kapare, Espainiako erresumetan jatorriz euskalduna, Oñatikoa. Nire nortasuna osatzeren, eta gizon zintzoak bete beharrezkoak ordaintzeren, gaztetan, Peruraino, ozeanoa nabigatu egin nuen. Lantza eskuan, hogeitalau urtetan, Perun zerbitzu anitz egin dizkizut: indioak menperatu eta zure zerbitzurako herriak eratu, bereziki, nire indar eta ahalbideen arabera, zure Koroaren izenean, gatazka eta topaguneetan dihardut, zure ofizialei sorospen eta ordainsariak betez, zure liburuetan agertuko den bezala. Ongi uste dut, Jaun argidotar hori, nahiz eta nirekin eta nire lagunekin krudela eta ezatsegina izan, gugatik hartutako hainbertze zerbitzuen izenean, erraten dizudana sinetsiko duzula; egia da ere, balitekeela lurralde hauetatik idazten dizutenek egia ez erratea, haietatik urrun baitira. Ohartarazten dizut, errege espainola, lurralde hauetan dituzun basailu hagitz onentzat Indietako Erreinuetan, era bateko justizia eta zuzenaren beharra dagoela, nahiz eta ni, zure entzule, erregeorde eta gobernatzaileek erabiltzen dituzten ankerkeriak jasan ezinik, atera egin naizen zure obedientziatik, gero izenak emanen dizkizudan lagunekin, eta orainoko gure aberria Espainiari uko eginez, gure indarrak jasan eta sufritu ahalko dituen bezain guda krudela egitera goazela. Hauek dira, errege jauna, zure ministroak ezarritako zerga, zigor eta sari bidegabeko ikaragarriak, ezin ditugunak sufritu, euren seme eta zerbitzariak mantentzeko, gure fama, bizia eta ohorea ebatsi digutelako, lastimagarria izanik egin diguten harrera txarra. Eta ni, eskuineko hanka maingu, Chuquinga bailaran Alonso de Alvaradorekin batera eman zizkidaten bi arkabuzadaren ondorioz, zure izenean eta zure aginduei jarraituz, Francisco Hernández Girónen aurka gindoazela, zure aurka matxinatua hura ere, ni eta nire lagunak hil arte izanen garen bezala, zure ekintzak jabetu gaitu, erreinu hauetan zein krudelki irensten dituzun fedea eta hitza, eta lurralde hauetan Martín Luteroren liburuek baino gutiago balio duela zure errukiak, zeren zure erregeorde Cañetek, gaiztoak, likitsak, handikiak eta larderiatsuak Martín de Robles urkatu zuen, zure zerbitzura zena, eta Tomas Vázquez ausarta, Perú konkistatu zuena, eta Alonso Díaz tristea, Moisesek basamortuan baino gehiago lan egin zuena herrixketako biztanleak aurkitzen, eta Piedrahita, kapitain ona, zure zerbitzuan anitz gatazka zapuztu zituena, eta Pucaran, bizia emanez gudariekin jarraitu zuena sartu ez balira, egun, Francisko Hernández izanen zen Perun errege. Ez itzazu aintzat hartu miatzaile hauek adierazten dizkizuten egindako zerbitzuak, gezur handia baita zerbitzua deitzea zortziehun mila peso zure errege kaxatik gastatzea, euren bizio eta txarkerietako. Zigor itzazu gaizkile modura, hala baitira. Beha, beha Errege espainola, zure menpekoekin ez zaitez krudela eta eskergaitza izan, zeren Gaztelako erreinuetan zu eta zure aita inongo atsekaberik gabe zeundetenean, zure basailuek, beren odolaren eta azienden bizkar, lortu dizkizute lurralde honetan dituzun erreinuak. Beha, Errege jauna, ezin da errege zintzo tituluarekin lurralde hauetatik etekinik atera, ez duzulako deus arriskatu eta ez dituzulako lurralde hauetan izerditan lan egin dutenak behar bezala ordaindu. Ziur naiz, errege, guti gaten direla ifernura, guti zaretelako; anitz izanen bazinete, batek ere ez zuen sartzerik izanen, han Luzbel baino txarragoak izanen zinateketelako, gizakien odol gose eta egarri ase gura duzuelako. Aitzitik, ez naiz zuekin liluratzen, beti zaretelako adin ttikikoak. Eta, horrela, Errege jauna, zin egiten dizut eta boto nagusia egiten dut Jinkoaren aitzinean, nik eta nire berrehun kapera konkistatzaile arkabuzero marañonek ez dugula zure ministro bat ere bizirik utziko, badakigu-eta norainokoa den zure errukia. Gaurko egunean sortuen artean mentura hoberenekoak sentitzen gara, Jinkoaren fedea eta aginduak lurralde hauetan betetzen, nahiz eta bizian bekatariak, ustelkeriarik gabe, kiristian gisa, Erromako aita santuak agintzen duen bezala, eta nahi dugu, nahiz eta bekatariak izan, Jinkoaren aginpen martirioa onetsi. Amazonas ibaitik egin genuen ateraldian, Marañón Ibaia deritzon hartan sartu, eta Margarita erraten dioten irla batera heldu ginen, Espainiatik etorritako ikara eta beldurra ematen diguten luterano zismaren zantzuak nabaritu genituen, eta gurekin zetorren Monteverde izeneko alemaniar bat zatikatzea manatu nuen berehala: patuak emanen du haren kontu, uste dugu, printze argidotar hori, Kristoren fede perfektuan bizitzeak duela berea. Bereziki da handia lurralde hauetan fraideen lasaka, ze zure sumina eta zigorra komenigarria litzaizkieke, ez baitago inor gutxienekoz arrandiatzen ez duena gobernadore izatea. Beha, beha, errege, ez iezaiezu sinets, zure erreal agerpenean, zure aitzinean isurtzen dituzten malkoak, hona etorri eta agintzea delako zera. Jakin nahi baduzu hemen daramaten bizimodua, adi, merkataritzan iaioak, onura profanoak erosi, eta elizako sakramentuak saldu, pobreen etsaiak, handinahiak, gozozaleak, harroak, gutxienetakoa izanik ere, fraideak nahi duena da lurralde hauek manatu eta gobernatzea. Erremedioa, Errege jauna, ekintza hauek eta etsenplu txar hauek ez dute betetzen eta finkatzen bertakoen fedea. Gehiago erraten dizut, fraide hauen lasaka ezpada akitzen, ez da faltako eskandalurik. Aitzitik, ni eta nire lagunak, gure arrazoiaren baitan, bizia emateko prest gaude, egoera honen eta igarotakoen, Errege argidotar hori, zu zara errudun, ez baituzu zure basailuen lanaren errukirik. Ardura zaitez zor diezunaz, zuk ez badituzu begiratzen, eta zure miatzaileek erraten dizutena aintzat hartuz gero, ezin izanen duzu asmatu zure gobernuaren zuzentzea. Ez dago zertan lekukorik azaldu, lau mila peso urteko du zure begirazale bakoitzak sari, eta zortzi mila aurreztuak, heredatuak eta jabetzetan, eta horiek denak kontuan harturik, zerbitzuren emaile izanen bagina, ez ginateke gizon trinkoak izanen, gure bekatuengatik, diote, belaunika gaitezen euren aitzinean eta gurtu ditzagun Nabukodonosor izanen bailiran, beraz, ezinezkoa, eta ni zure zerbitzuan hanketan zauritu eta maingua, eta nire lagunak ere, zure zerbitzuan zahartuak eta nekatuak, abisatu nahi dizuegu, ez utzi epai hauetan zure erreal kontzientzia, ez delako zure baitakoa, beraien semalabak ezkontzearen ahaleginetan galtzen dutelako denbora, ele zaharrak dionez: makurra ala zuzena, gure etxea sabairaino. Fraideek beren predikuetan ahantzi egiten dituzte pobreak, eta Peruko egoitza hoberenak hartuak dauzkate. Daramaten bizimodua latza eta nekea da, zeren bakoitzak zigor gisa norberaren sukaldean dozena bat neskato gazte dauzka eta bertze hainbertze mutil gazte, arrantzara eta galeper ehizara joaten direnak, eta fruituak ere ekartzen dizkietenak, luxo guziak gutxietsiz. Kiristian fedearen izenean zin egiten dizut, Errege jauna, ez badiozu erremediorik paratzen lur hauetako txarkeriei, zerutik etorriko zaizu zigorra, egiaren izenean ari natzaizu, nahiz eta nik eta nire lagunak ez dugun zure errukirik espero. Aiene! Aiene! Zure aita enperadoreak Espainiaren indarrez Germania handia konkistatu zuen, gatazkan gastatu zituen diruak, guk aurkitutako Indietako etekinak zirelarik, lastimagarria da gure zahartzaro eta nekearekiko zure erruki eza, eta goseak eta egarriak kasatzen ari gaituzu. Dakizu dakigula lurralde hauetan, argidotar Errege jaun hori, zure aita enperadoreak Alemania armekin konkistatu zuela, eta Alemaniak bere bizioekin egin zuela Espainia konkistatu, hala guztiz ere, gu hemen artoarekin eta urarekin gosea ase nahiago, ezen erdoil txar horren barne egon, nahiz eta jakin, egoeran eroriz gero, erregalu eta bizio profitatu ahal izan. Nahiz eta gudak gizonentzat eginak diren, eta egoera latzak jasan, Erromako aita santuaren aginduak bete eta obedituko ditugu. Ezin sinetsi gaude, Errege jaun argidotar hori, lurralde hauetan dituzun basailuekin hainen krudela izatea, aitzitik, pentsatu nahi dugu, zure miatzaile eta ministroek direla zure baimenik gabe ari direnak. Diot, Errege jauna, ze Errege hirian (Lima) itsasotik bi legoara arraia ekoizten den aintzira bat deskubritu zela, Jinkoak hala nahi izan zuelako, eta zure ofizial eta miatzaileek arraia profitatuz gain, euren burua gutxietsiz, zure izenean alokatzen dutela aintzira, beti euren bizioen ordaintzeren. Hori horrela izanik, utz iezaguzu gutxienez arraina arrantzatzen, deskubritzen lan egin genuelako, Kastillako erregeak ez duelako hartatik lortzen diren laurehun pesoren beharrik, hori jakinik, Errege hori, ez dizugu Kordobako mesederik eskatzen, ezta Valladolideko edo Españakorik ere, zure ondareak baitira, min zaitez, jauna, eta elika itzazu lurralde hauetako fruitu eta etekinekin bertako pobre nekatuak, eta beha, Errege jaun hori, Jinkoa denena dela, justizia eta opari, paradisu eta infernu. Mila eta bortzehun eta berrogeita bederatzian Cañete markesak Pedro Ursuari eman zion Amazonasko jardunaldia, Ursua jatorriz Nafarroakoa, akaso erran beharko genuke Frantsa, Motilones probintzian, Peruko lurraldean (indioek era bat soilduak ibiltzen direlako, deritzo Motilones), itsasontziak egiten mila bortzehun eta hirurogei arte ihardun zuena. Itsasontziak egoera umelean egin zituen eta uretara bota orduko, gehienak hondatu zitzaizkigun, txalupa batzuk egin, eta zaldiak, eta zama gehienak utzi eta uretaratu ginen ibai beheiti gure biziaren arrisku. Peruko ibairik ahaltsuenekin topatu ginen, eta golko gezan heldu. Oinez egin genituen hirurehun legoa, lehen aldiz uretaratu ginen hartaraino. Gobernadore txarra, gaiztoa, handikia eta miserablea zen, eta jasan ezinak zitzaizkigun haren gaiztakeriak, esplikaezinak izanik, danok bat eginez, Errege jaun argidotar hori, solas batean, kasatu egin genuen, azken ordu motz bat emanez, gero Fernando Guzman deritzon Sevillako zaldun bat errege izendatu egin genuen, eta bere aitzinean zin egin, berorrek ikusi ahalko duen bezala, denek firmatu dugun dokumentuan, eta India hauetako irla Margaritan gordailutu dugunean, niri haren laguntzaile berezia egin ninduten, eta laster jabetu nintzen haren irain eta gaiztakeriez, kasatu nahi izan ninduten, eta nik akitu nituen errege berria eta bere zaintzailea, eta haren teniente jenerala, eta lau kapitain, eta haren otsein nagusia, eta heien menpeko apeza, eta bazterrak nahasten ari zen emakume bat, Rodasko komendadorea, eta almirante bat, eta bi alferez, eta bortz edo sei haren lagun; zure miatzaileen joera krudelagatik, guda aitzina eraman eta bertan hiltzeko prest egonik, berriz ere kapitainak izendatu nituen, eta sarjentu nagusia, eta kasatu nahi izan ninduten, eta nik denak urkatu nituen. Porrotari jarrai eta Marañon ibaian hilketak eta mentura txarrak gaindituz, hamar hilabete eta erdi geroago iritsi ginen azkenik Ipar itsaso bururaino. Ehun jardunaldi justu egin genituen. Mila eta bortz ehun legoa justu, ibai handi eta kezkagarrian. Laurogei legoa ur geza, haren ahoan eta ez, dioten bezala, adar anitzetan. Hondar handiak ditu, zortziehun legoako basamortua herri bat ere gabe, xehetasunez egin dugun txostenean, argidotar horrek ikusi ahal izango duen bezala. Sei mila aintzira baino gehiago dituen parajean ibiliak gara. Jinkoak daki nola atera ginen laku kezkagarri hartatik! Adi ezazu, Errege jauna, ez ezazu onartu itsas armadarik bidaltzea zorigaiztoko ibai honetara, kiristian fedearen izenean zin egiten dizut, Errege jauna, mila gizon etorriko balira ere, bat ere ez litzatekeela onik aterako, ematen dituzten arrazoiak ez direlako zuzenak, eta ibaian ez dagoelako etsipena bertzerik, bereziki Espainiatik heldu berrientzat. Lehia honetan nirekin heldu diren kapitain eta ofizial irainduek euren bizia ematearen zin egin dutenak hauek dira: Juan Jerónimo Espinola, infanteri kapitaina, Genobakoa; Juan Gómez, almirantea: Cristóbal García, infanteria kapitaina, biak andaluziarrak. Diego Tirado zaldun kapitaina, andaluziarra, zure miatzaileek bidegabe, Errege jauna, bere lantzarekin irabazitako hainbat indio kendu zizkietena. Nire zaindari kapitaina Roberto Sosaya eta haren alfereza Nuflo Hernández, Balentziakoa, eta gure altxorzaina Juan López Ayala, Kuenkakoa; Blas Gutiérrez alferez orokorra, konkistatzailea, hogeita bortz urtekoa; Juan Ponce, Sevillakoa eta Custodio Hernández, alfereza, portugaldarra; Diego Torres alfereza, Nafarroakoa; Pedro Rodriguez Viso eta Diego Figueroa sarjentuak; Cristóbal Ribas, konkistatzailea; Pedro Rojas andaluziarra; Juan Saucedo alferez zalduna; Bartolomé Sánchez Paniagua, gure zaindari karguduna; Diego Sánchez Bilbao, gure zuzkitzailea; García Navarro miatzaile orokorra, eta bertze hainbat kapare baturik, Jinko Jaunari eska egiten diegu, zain zaitzan, guda egiten dizuetenei aurre egin ahal izateko, bereziki turko eta frantsesei, eta lurralde hauetan Jinkoak eman diezagun dohaina gure eskuz lortzeko ukatu dizkiguzun eskubideak. Euskal Herriko berorren basailu leialen seme, ni hil arte mutiri, zure eskergaitz. LOPE DE AGUIRRE, ERROMESA. [Lope de Agirrek gutun hau Espainiako Erregeari idatzi zion 1561ean. Gustu handiz itzuli dut – barkatu ausardia! – Ursuako jauregiaren ondoan bizi eta kasatu zuen Pedrorekin oroitu naiz.] Andy Warhol Pop art, errealismo berria, joan den mendearen hirurogeiko hamarkadan, mundu osoan hedatu zen. Eguneroko imajina arruntetan eta modu sinplean, Ameriketako mito nazionalak zituen astindu. Iragarki diseinatzailea izandakoa zen Andy Warhol, eta argazkia serigrafiara eramateko teknika industrialak ongi ezagutzen zituen: gizarte kontsumoan inspiratzen zen, zopa potoak, telebista saioak, magazinak, edo publizitate urbanoak... Marilyn Monroe, Liz Taylor, auto istripuak, edo giza eskubideen aurkako atxiloketak... Beti ere, “American way of life” kapitalismo zantzu haietan. “Factory” olan, seriean ekoizteak, imajina bera anitz koloretan eginez, produkzio handiak egiteko aukera eman zion. Imajina, gizatasunik gabea eta hotza, gezurrezko gizakia, biolentziaren ideia irudikatzeko zuen Warholek hartu. “Factory” kontrakultura sinboloaren zuzendariak ez zuen bere burua artistatzat hartzen; avant garde pertsonaia erakar-garria eta xarmagarria izatea laket zitzaion. Katalizatu nahi izan zituen mitoak, izuak, eta New Yorkeko gizarte goibel eta snob baten fetitxeak. Bilborako autobusa hartzera Donostiara abiatu nintzen atzo goizean, Guggenheim museoan Andy Warholen erakusketa ikusteko asmoz. Bilbon bizi den lagun batekin gelditua nintzen, egun xarmanta elkarrekin pasatzeko. Txindil on batzuk eginen zituela erran zidan, erakustaldia ikusi eta gero jateko. Ederki, pentsatu nuen, banekielako zein onak egiten zituen txindilak nire lagunak. Eguraldia ez genuen lagun, goizetik muku, gero eta mutur beltzago. Automobila aparkalekuan utzi, eta kalera ateratzean, haize bolada batek ia lurrera bota ninduen, aterkia nolabait ireki eta autobus geltokirat hasi nintzen, hamar minutu bertzerik ez nituen, eta txartela hartu behar. Harako batean, haize ufada batek aterkia modu txarrez eskuetatik kendu eta itzuli-ipurdika espaloi gora eraman zidan, eta ni haren gibeletik erdi arrastaka espaloiaren ertzean trabatu, eta ur putzu batean ipurdiz erori nintzen. Era bat urez blai, guardasolik gabe, negarrez, muki zotinka, eseri nintzen etxe baten erlaizpean. Eta orain zer? Pentsatu nuen, ez nengoen inora joateko, gainera autobusa galdu nuen ordurako. Telefonoen bila hasi nintzen, lagunari deitzeko. Kaka zarra! Bateriarik gabe. Ene! Nire aitak baleki! Lagun batekin gelditu eta abisatu gabe ez joan... Txoritxoa Amatxi bakarrik bizi da. Ondoko atean, Sara eta Mikel, lau eta bi urtekoak. Goizero Sara ikastolara gaten da; orduan, Mikel lasterka amatxiren atea jotzera: beti dauka zerbait, eskatu eta. Gaur Mikelek amatxi eskutik heldu eta leihora du eraman, bizilagunaren kaiolan txoritxoa seinalatuz: berak ere txori bat nahi duela, behin eta berriz eskatuz. Hamarretako autobusa hartu eta aise abiatu dira amatxi eta iloba merkatura. Merkatuan, Mikelek txori txuri polit bat aukeratu ondoren, kontent baino kontentuago itzuli da bikotea etxera. Arratsaldeko bortzetan Sara ikastolatik itzuli denean, mutikoak aztoraturik erakutsi dio bere altxorra arrebari. Kaiolaren atetxoa ireki eta txoria libro utzi du. Liluraturik txoria hegan zerurantz beha gelditu dira anai-arrebak. Euskara Zaharra naiz, arras zaharra; arbasorik gabea, bakarra; trinkoa eta borobila, misteriotsua; ez dakit nun naizen sortu eta garatu. Denboretan handia, zabala eta indartsua; eguzkiaren argiak zaindua egunez, gauez, ilargiarenak babestua. Haizeak igitua. Lehorteek eta uholdeek erdi itoa sarritan. Gudek eta Jinkoek mehatxatua, erdi irentsia. Nerez naiz gotorra eta erro zuzena, suntsiezina. Hilzorian oihan eta mendietan zokoratua, berriz ere berpiztu eta plazara ialgi nintzen. Jakintsuen ateak jo nituen, eta zabaldu egin zizkidaten. Hementxe nauzue zaharberritua, zuen etxeetan sartzeko nahian. Euskara naiz eta. Baztan aldeko erran moldetarik Abrea behorraren zama, abrez joan da Adobe buztin Akuna matatu swahili mintzairan “ez da ezer”, no problem... Albahaka xarpota, thym Aparejadorea xantier burua, teknikoa Apetaz bapatean Arrakadak kolierak Arreotxoa ezkont berrirako puskak, trousseau Artatxikia mil, lehengo artoa Arto galdurrua lorea, kukula Asotsa azantza, zarrata Ataka atea, abere edo baraztekoa, ez etxekoa Azabatxea harribitxi bat, jais Baldosa harri lauza Belaia pentze, belardia Belaki éponge Bijilia Garizumako barura Bitxilorea bioleta Doike dudarik gabe Eltzetzuak guardia zibilak Enkajezko dentelazko Erlaitza hegatsa Eskuturre ukare Ez zen barkatzen beti behar zen Frantsa frantsesa Frijola babarrun mota bat Gajo gaixo Goliat gartza zisne handia Goseak nago gose naiz Hurrik eman ere honi deus ez emanen, molde gaitzeslea Hagitz agitz, ainitz, asko, guziz Inarra brezo, lore bat Inude titi handiekin, nourice Intziensoa intsentsua Isats buztan Istiak trufa kantak Izpilikua lavande Jarauntsi jarraitu Jopu esklabo Kapare noble, hidalgo Kasatu hil, akatu Kateorratz petenta Keriatsu desformatua Koroildua lumak galdu Kuhat droga bat Kuku praka digitale Lasaka lizun, libertin, dissolu Lerai akazia Mandioka manioc Mauka manka, ator besoa Minaurria gaztain alea Mondongoa zerri lana, urde hiltzearekin Morkotsa garbotsa Oinaztargia tximistaren argia Oinaztura tximista Ortotsa ortzi otsa, ortzia Sorospen sokorri Txekorra aratxe txikia Txindil dilista, lentille Txorrotxioan txori kantan Upategi soto Urritzen gutitzen Zapela txapela Ziapea moutarde Zirrika gurpila, errota
AURKIBIDEA IX. HILERRIKO TRAGEDIA X. ZAKUR ULUKARIAREN IRAGARPENA XI KONTZIENTZIAN MIN XII. KATUA ETA GANTZUKI HARRIGARRIA XIII. ITSASLAPURRAK ABIATZEN DIRA XIV. AKANPAKETA BIKAINA XV. TOMEK BISITA MOTZ BAT ETXERA XVI. TABAKOAREN ATSEGINA. LABANA GALDU XVII. ITSASLAPURRAK BEREN HILETETAN AZALTZEN IX. HILERRIKO TRAGEDIA Gauerdiko bederatzi eta erdietan, Tom eta Sid oheratu ziren. Beren otoitzak egin eta Sidek laster hartu zuen lo. Tom urduri zebilen. Egunsentia iristeko adina denbora zain egon zen eta laster hamarrak entzun zituen. Zein luzeak ziren minutu haiek. Pozik mugituko zen ohean baina ez zuen Sid esnatu nahi. Geldi-geldi zegoen. Gero kaskateko txikiak, soinu arinak entzuten hasi ziren. Etxeko ordulari zaharraren tik-tak. Etxeko habe zaharrek eta, noizbehinka kras-kras egiten zuten. Eskailerak ere batzuetan, irringa misteriotsuak egiten zituen. Fantasmak izango ziren, dudarik gabe. Geroxeago kilker bat hasi zen “kri-kri” aspergarrian. Izeba Pollyren gelatik, zurrunka hots pausatua ateratzen zen. Hurrena ohe gaineko pipiaren karraskak tente jarri zuen. Dudarik ez zegoen. Norbaiten egunak kontatuak zeuden. Norbait hiltzeko seinaleak ziren. Norenak ordea? Laster, urrutitik zakur baten ulu tristea iritsi zen. Eta geroxeago beste batek erantzun zion era berean. Tom izerdi patsetan zegoen. Geroxeago hamaikak jo zuten. Baina berak ez zuen entzun ere egin. Geroxeago miauka triste eta ahul bat entzun zen. Hurrena auzoko leiho ireki berri batetik madarikazio batzuk entzun zituen katu haren kontra: “Ospa hemendik, san diogene...” Eta bere etxe atzean botila hautsi baten kristal soinua. Orduan zeharo esnatu zen. Beraz, jaiki, jantzi eta abiatu zen etxetik. Teilatutik ganbarara, katuak bezala arrastaka. Huckleberry Finn bere zain zegoen. Bi mutilak abiatu ziren eta ilunpetan galdu. Hilerri hura nahiko leku tristea zen. Zaharra, ikaragarri zaharra. Ohol josiz egindako horma erdi eroriak babesten zuen. Toki batzuetan zeharo eroriak zeuden, beste lekutan okertuak. Belarra eta hiraka nonahitik ikus zitekeen. Hilobiak ere belarretan zeharo ezkutatuak. Hilarriak eroriak, erdi hautsiak. Inork ez zituen zaintzen. Haize fin batek adar tartetik ziztu egiten zuen. Tomen iritziz izan zitezkeen hildakoen espirituak. Bi mutilek ez zuten hitz askorik egiten. Lekua eta momentua ez ziren hitz asko egiteko modukoak. Beldurra galanta sentitzen zuten barnean. Mendi gainera iritsi zirenean, han baitzegoen hilerria, hiru zumar handi zeuden. Haien atzean ezkutatu ziren. Zain jarri ziren. Ez zen haizearen ulua eta urrutiko ontzen oihu bizia baizik entzuten. Tomen anima harri batek zapalduko balu bezala sentitzen zen. Ezin hitz egin. —Huck, zer iruditzen zaizu: uste al duzu hildakoei gustatuko zaiela gu hemen egotea? —Ez dakit. Neronek ere jakin nahi nuke. Hau ikaragarria da, gero —esan zuen Huckleberryk ahopeka. —Horixe baietz. Gero, berriro isiltasuna. Pentsa eta pentsa. Gero Tomek esaten dio: —Huck, zer uste duzu, Hoss Williams hilberriak entzuten gaituela? Bai ala ez? —Nik baietz uste dut. Bere espirituak bai behintzat. —Nahiago nuen Williams jaunari deitu banio. Beldurra hartu diot. Baina ez dut asmo txarrarekin egin. —Ba, ba, hildako bat ez al da, behintzat, horrelako txikikeriatan hasiko. Bestela, konponduak gaude. Hitz haiekin Tom lasaitu egin zen. Berehala heltzen dio besotik eta esaten: —Isildu, isildu! entzun! —Zer gertatzen da? Bien bihotzek taupada ikaragarriak jotzen zituzten. —Isildu, isildu. Badator, badator. Ez al duzu entzuten? —Nik... —Orain, orain! Entzun duzu, ez da? —Arranopola, Tom. Guregana datoz, seguru baietz. Zer egin dezakegu? —Zer dakit, ba, nik? Ikusiko ote gaituzte? —Tom, horiek ilunetan ere berdin-berdin ikusten dute, katuek bezalaxe. Nahiago nuen etorri ez bagina! —Ez beldurtu. Ez al dira gurekin sartuko. Guk ez diegu ezertxo ere egin. Geldi-geldi egoten bagara ez gaituzte, beharbada, ikusiko! —Saia gaitezen bada... Baina, Tom, dardaraz nago alde guztietatik. —Entzun, entzun. Bi mutilek ia arnasarik ere ez zuten hartzen. Bazetozen, bai, eta, hain zuzen, haiek zeuden leku aldera. —Begira, begira, —esaten dio Tomek-. Ez al duzu han ikusten? Zer da? —Infernuko sua izango da. Ai, Tom, ikaragarria da. Zer beldurra! Berehala hiru itzal azaldu ziren ilunpetik, eskuetan linterna erdi itzalita bat zeramatela. —Deabruak dira, deabruak dira. Ziur nago. Galdu gara, Tom. Galdu gara! Errezatuko al dugu? —Errezatu? Bueno, saiatuko naiz, baina ez beldurtu. Has gaitezen: “Jaungoikoarekin noa ohera, jaikitzean gogoan dut bera...” —Aiba, aiba! —Ze gertatzen da, Huck? —Gizonak dira, gizonak dira. Baten ahotsak Muff Potterrena dirudi. —Zihur al zaude? —Bai, bai, ziur nago. Ez zaitez mugitu. Ez da konturatuko. Beharbada, beti bezala mozkortuta egongo da. Agure zahar zerria! —Ez naiz mugituko, egon lasai. Orain geldirik daude. Zerbaiten bila dabiltza eta ez dute aurkitzen. Eskuinera, ezkerrera, zer nahi ote dute? Huck, nik beste ahots bat ere ezagutu dut: Joe indioarena da. —Mestizo alu horrena? Hiltzaile bat da hori. Nahiago nuke deabruak balira. Zertara etorri ote dira? Marmarra isildu zen berehalakoan. Hiru gizonak iritsi ziren nahi zuten lekuraino. Mutilen ondo ondoan zeuden: —Hemen dugu, hemen da, esaten du beste ahots batek. Robinson sendagile gaztea zen hura. Potter eta Joek eskuetan aitzurra eta beste zenbait gauza zekarten lurra ateratzeko. Sendagile gaztea lurrean jarri zen zumar baten kontra. Mutilak ezin zitezkeen ondorago egon. —Bizkor ibili —esaten die—, bestela ilargia ateratzen baldin bada, galdu gara eta. Hasi ziren, bada, gizonak lanean, orain aitzurra, gero pala. Ekin eta ekin. Halako batean, aitzur batek zerraldoa jo zuen. Beraz, hilobia irekia gelditzen zen. Kaxaraino iritsi ziren. Laster atera zuten kaxa handik. Altxa zuten kaxaren tapa, eta hildakoaren inongo kontsideraziorik gabe, lurrera bota zuten zakarki. Orduantxe, bazirudien ilargiak bere aurpegi motela atera nahi zuela lainopetik. Hildakoa egur luzatu batzuen gainean ipini zuten, manta bat gainetik ipiniaz. Eta esaten diote sendagileari: —Zu, sendagile, beste bost dolar ematen ez badizkiguzu, hemen geldituko da hildako hau, dagoen lekuan. —Hori, hori. —Baina, nola daiteke hori? —esaten du sendagileak—. Aurretik ordaindu dizuet zorra. Orain ez hasi eskari berriak egiten. —Bai, eta oraindik guztia ez dizut esan —aipatzen dio Joek—. Badira bost urte, behin zure etxera janari eske joan nintzela. Zuk, ordea zure etxeko sukaldetik zakarki bidali ninduzun. Eta guzti hori nahiko izan ez balitz bezala, zure aitak kartzelan sartu ninduen, alfer eta alproja nintzela esanaz... Zer uste zenuen, ahaztua nengoela ala? Orain guztia ordainduko duzu. Gogora ezazu nik indioen odola daramadala zainetan. Hori esaten zuen bitartean, bi ukabilak jaso zituen. Robinsonek, ordea, zanpateko bat eman eta lurrera bota zuen. Potterrek bere labana lurrean utzi zuen eta... —Aizu, mesedez, ez ezazu eskurik nire lagunaren gainean jarri. Biak borroka gogorrean hasi ziren. Sendagileak ordea, hesola lodi bat hartu eta egundoko kolpea eman zion buruan, zerraldo utzirik. Baina une hartan bertan, Joe bere onera itzuli, lurrean zegoen labana hartu eta Robinsoni bizkarretik sartu zion kirtena ezkutatu arte. Odola borborka atera zen. Sendagilea balantzaka hasi zen, lurrean hilda erori arte. Une hartan, ilargia berriro ezkutatu zen. Bi mutikoek, beldurraren beldurrez, ihes gogorrari ekin zioten. Gero bi gizon lurrean etzanda zeuden. Eta ondoan Joe beltza gorrotoz begiak josita. Geroxeago, sendagileak hitzerdi batzuk esan eta azken arnasa eman zuen. —Mendekatu haut, bai —esaten zuen—, merezi huen neurrian. Alu hori! Gero, hildakoa desegin zuen, zeuzkan balorezko gauza guztiak kenduz. Gero, Potterren eskutan ipini zuen laban madarikatu hura, eta zerraldoaren gainean eseri zen. Geroxeago bere onera etortzen hasi zen Potter. Begiratu zuen ingurura, ikusi zuen laban odoldua eta berriro etzan zen. Hobeto altxa zen, beste gorputzari bultzada emanaz. Bere begiak Joerenekin gurutzatu ziren. —Ene Jesus —esaten dio—. Zer gertatu da Joe? —Zer gertatu den galdetzen al duzu? Gauza onik ez! Zergatik egin duzu hori? —Egin zer? Nik ez dut ezer egin eta...! —Begira ezazu ingurura. —Baina mozkorra al nengoen ba... Ai, ai, buruak itzuliak ematen dizkit. Zer gertatu zait, zer egin dut! Ez dut ulertzen, Joe, lagun hori, adiskide hori, nik hil al dut sendagilea? Baina... nola? Nik zergatik hil behar nuen? Esan iezadazu nola izan den... Ikaragarria egin dut... Bera hain gaztea eta... —Begira: borrokan hasi zineten. Berak egur lodi horrekin jo zintuen. Altxa zinenean labana hartu zenuen eta hor sartu zenion. —Baina, ez nekien nik zer egiten eta... Gehiegi edan dut bart. Sekula ez naiz labanekin borrokan ibili. Joe, arren eta arren, ez esan inori zer egin dudan. Ez esan... Agintzen al didazu? —Ez, Potter, ez dut esango. Nirekin beti oso jatorra izan zara, eta hitz ematen dut. Ez dut behin ere ezer esango. —Joe, mila esker. Aingeru bat zara. —Beno, ez dezagun denborarik alferrik gal. Zoaz zu bide honetatik eta ni beste honetatik. Ez denborarik galdu, eta ez ezazu arrastorik utzi. Aurrena korrika txikian baina gero korrika bizian alde egin zuten biek handik. —Hau tontoa da —esaten zuen Joek—, ez da konturatu ere eta hantxe utzi du bere labana. Izorra hadi ba... Geroxeago, ilargia berriro irten zen. Beraz argipean zeuden hilerri hartako bi gorputzak, bata bestearen ondoan isiltasunik handienean. X. ZAKUR ULUKARIAREN IRAGARPENA Bi mutikoak, zein baino zein azkarrago zihoazen. Bi hanketan hegoak balituzte baino azkarrago. Noizbehinka atzera begiratuaz, norbaitek jarraituko balie bezala. Bide ertzeko edozer gauza, harri bat, enbor bat, dena etsai ezkutatuak zirela iruditzen zitzaien. Etxe ondo batzuetatik pasatzean, zakurrak zaunka egiten bazien, haiek oraindik ere bizkorrago alde egiten zuten. —Hau da nekea, baina goazen, goazen, goazen,... gutxienez larru lantegira iristen bagara, ez da gutxi izango... Ezin dut arnasarik hartu. Huckek ez zion hitzik ere erantzun. Arnas estuaren oihua besterik. Hantxe biak, oraindik urrutitxo zegoen helburuan bi begiak ipinita. Noiz iritsiko. Noiz ailegatuko. Azkenik, hara ba. Ate irekitik barrura sartu ziren tximista baino azkarrago. Bi bihotz nekatuen taupadak lasaitu ziren. Eta Tomek gero: —Huck, zer iruditzen zaizu gaur ikusi dugun hori? —Robinson sendagilea hiltzen bada, urkatuko dute norbait, dudarik gabe. —Bai ote? —Ikusiko duzu, nola bai. —Baina nork salatuko ditu? Guk? —Zer gauzak esaten dituzun! Pentsa dezagun guk esanda gero, gauza batengatik eta besterengatik beltz hori ez dutela urkatzen. —Zaude ziur, ezagutzen dut nik, egunen batean gu hilko gintuzkeela. Gorrotoa du lege. —Hori bera pentsatzen nengoen ni ere. —Norbaitek hitz egin behar badu, hitz egin dezala Potter mozkor horrek. Baina geroxeago Tomek:—Baina nola salatuko du ba da, Potterek, berak ere ez daki ziur eta? —Zergatik ez daki ba...? —Orduantxe hartu zuela buruko galanta hura, zentzua galtzeraino. Ez baitzuen ezer ikusi. Nola jakingo du, bada, horrek? —Arrazoia duzu... —Eta gainera, Huck, ez dakit kolpe hartatik onik aterako den. A zer kaskarrekoa eman zion! —Halaxe da, bai. Gainera mozkorra zegoen. Beraz... majo jarrita. Baina ez dut uste hilda egongo denik. Beste isilune luze bat egin zuten. Eta Tomek: —Huck, ziur al zaude isiltzeko gauza zarela? —Tom, isilik egon beharra dugu. Hitzerdi bat aterako bagenu, indiar horrek bi katu baino erruki gutxiagorekin hilko gintuzke. Tom, zin egin dezagun ez dugula hitzik ere esango... Hori egingo dugu, hitzik ere ez dugula esango zin egin! —Ondo dago. Horixe izango da bidezkoena. Eskuak hartuta. —Ez, eskuak hartuta ez. Oraingo honetan, odolarekin zin egin behar dugu. Tom ere ados zegoen. Lurretik jaso zuen ohol txiki bat, eta arkatz batez, hauxe jarri zuen: HUCK FINN ETA TOM SAWYER LAGUNEK, AHOA JOSITA EDUKIKO DUTELA ZIN EGITEN DUTE, ETA BERTAN HIL DAITEZELA NOIZBAIT HITZERDI BAT ESATEN BADUTE. Gero, orratz batekin odol tanta bat atera zuten behatzetik eta harekin zigilatu zuten zina. Bukatzen ari zirela, larru lantegi zahar hartatik, beste punta batetik, norbait atera zen fantasma bezala... —Tom —esaten dio Huckleberryk—. Aski ote dugu juramentu hau betirako isiltzeko? —Noski baietz. Edozer gauza gertatzen delarik ere, guk ez dugu sekula hitzerdirik esango! Bestela arratoiak bezala hilko ginateke. Berehala urrutiko zakur batek ulu luze bat jo zuen. Bi mutilak elkar besarkatu zuten. Bazekiten zer esan nahi zuen ulu hark eta. Beldurra berriro... —Gu bion arteko norentzat izan ote da ulu hori? —galdetzen du Huckek—. Eta Tomek: —Egon lasai, egon lasai. Badakit zein zakurren ulua den. Bull da, Harbisonen zakurra. —Gaitzerdi. Beldurrez hilko nintzela uste nuen eta... Apustu egingo nuen zakur galduren bat zela... Berriro ere ulu luze eta tristeak. Baina oraingoan... —Huck, zakur hau beste bat da. Hau ez lehenengoa. Tomek atera zuen burua atetik. Eta esaten du: —Ai, Huck, ai, Huck, hau zakur galdua da. —Azkar, Huck! Azkar, Huck! Noren bila ote dator? —Huck, nik uste dut bion bila datorrela. Ai, eta gero, nora joango naiz...? Infernura, hain gaiztoa izan naiz eta... —Nik ere halaxe uste dut. Ni ere izan nintekeen askozaz hobea. Baina, ez nintzen saiatzen. Orain berandu da. Hemendik onik ateratzen banaiz, ez naiz igande guztian elizatik aterako. Horrela ari ziren bi lagunak. Biak zakur galduari begira: —Aiba —esaten dio Tomek—, bizkarra eman digu guri. Ez dator gure bila... —Hara, arrazoia duzu! Baina lehen nola zegoen? —Ba, lehen ez dakit... Zein gizajoak garen. Orain noren bila joango ote da? Ulua isildu zenean beste zarata zeharo desberdina entzun zuten. Norbaiten zurrungak ziren. —Entzuten al duzu hori? Zer da hori? Zerri talde bat dirudi. Baina..., ez, norbaiten zurrunka da. —Halaxe da. Hor nonbaitetik dator zarata. Bi mutilak berriro erne jarri ziren. —Nire aitak ere, mozkortzen zenean hortxe nonbait egiten zuen lo. Baina, haren zurrunka askoz ere zaratatsuagoa da. Ez da posible. Gainera, geroztik ez da herrira itzuli. Nor ote da? —Huck, nahi al duzu nirekin etorri? —Ez dit ikaragarrizko grazia egiten baina... Pentsa dezagun Joe indiar hori dela. Tom ere beldurtu zen. Baina laster animatu ziren berriro, eta joateko prestatu ere bai. Hanka puntetan abiatu ziren. Tomek adaska bat zapaldu zuen. Atera zuen krask hotsarekin gizonak buelta erdia eman zuen. Ilargipean ikusteko hainbat. Muff Potter bera zen. Hura han utzita, atzera itzuli ziren hanka puntetan. Handik ehunka metro batzuetara, biak elkarri begira jarri ziren, gau onak emateko. Han ikusi zuten zakur galdua Potter zegoen inguru hartan, Potterren aurka eta bere muturra zerurantz sarritan ipintzen zuela. —Bere bila doa —esan zuten bi mutilek batera.. —Beno, Tom. Ez da gehiegitu behar. Lehengo batetan Johnny Miller jaunaren etxe aurrean egon omen zen zakur galdu bat uluka. Horretaz gainera, gauez hontza kokatu omen zen balkoian. Baina hala ere ez omen da hango inor hil. Beraz... —Bale, bale. Ados nago. Baina, ez al zen gau hartan Gracie Miller surtara erori eta zeharo erreta gelditu. Eta hori zer? —Bai, bai, baina ez zen hil. Eta gainera, sendatu da ia. Gero, ordea, agurtu ziren. Bazen garaia. Tom, beti bezala, leihotik, katuak bezala sartu zen etxera. Pozik, ze bere ustetan ez baitzuen inork nabarmendu bere ihesa. Sartu zen ohera eta egun hartako gorabehera guzti haiek baretu ezinik zegoen. Pozik beste aldetik, sartu irtenak hainbesteko disimuloz egiteko gauza zelako. Ez zen konturatu aspaldiko ordutan Jim esna zegoela, nahiz eta bera ez konturatu. Tom esnatu zen noizbait. Baina Jim ez zegoen gelan. Joana zen. Argitasunagatik bazirudien nahiko berandu zela. Orduan, zergatik ez zioten garaiz deitu? Seinale txarra iruditu zitzaion. Jaitsi zen sukaldera gosaltzera. Denak isil isilik. Inork ez zion ezertxo ere esan. Zer zen gero hura? Zergatik ez zioten ezer esaten? Gero konturatu zen, etxean bazekitela bere gaueko ihesaren berri. Denak mutu zeuden. Berak alaitasuna lortu nahi izan zuen, baina alferrik. Gosalondoan amonak aparte deitu zion. Tomek zioen: —Badiat egurra. Eta hau esatean, ia pozik sentitzen zen. Ze nahiago baitzuen egurra, isiltasun desesperagarri hura baino. Izebak ordea ez zuen jo. Halako batetan, nolabait hasi behar eta izeba Polly negarrez hasi zen, zera zioen artean: —Tom, baina, Tom. Noiz arte ibiliko zara beti horrela? Zer nahi duzu? Ni atsekabez hil nahi nauzu? Ez duzu nire zahartzaroaren errukirik. Martxa honetan, laster nire hezurrek hilerrian joko dute. Dena zure erruz. Noiz arte? Noiz arte? Tomek, errieta hura baino mila aldiz nahiago zuen egur gogorra. Errieta hark, eta halako errieta guztiek, bihotza hautsita, deseginda uzten zioten. Bere gaiztoan ez baitzen errai gabea. Barkatzeko eskatu zion izebari mila aldiz. Berriro ez zuela halakorik egingo eta abar. Izebak barkatu zion. Baina barkamen hark ez zuen indarrik, ez gatzik. Eman zion baimena joateko ere. Eskolarako bidea hartu zuen. Baina bihotz urratuta. Ez zuen Jim mendekatzeko gogorik ere. Alu hark salatu zuen, dudarik gabe. Aingeru higuingarri hark. Sartu zen eskolara eta bere bi masailak bi esku- tan bermatu zituen. Hormari hozki begiratzen zion. Barruan zuen min. Eta ez nolanahikoa. Ukalondo biak mahai gainean, bat zerbaiten gainean, ez zen gehiegi fijatu. Handik minutu batzuetara mugitu zen eta ukalondoak ere altxa zituen mahaitik. Papertxo tolestatu bat ikusi zuen. Eta barruan... Barruan, ireki zuenean, han zegoen, letoizko ordulariaren orratza. Bezperan berak hain maitekiro neskari erregalatu zion gauzarik bitxiena. Bere mina ezin gehiagoko bihurtu zen. XI KONTZIENTZIAN MIN Eguerdirako zabaldu zen bazter guztietan berria. Garai hartan ez zegoen telegrafo eta horrelakorik. Baina ezta behar ere. Hilerriko berri beldurgarri hura sua bezala zabaldu zen. Maisuak arratsaldez jai eman zuen. Nola ez bada? Bestela herriak zorotzat hartuko zuen. Erahildako gizonaren ondoan laban bat zegoen. Norbaitek Muff Potter jaunaren labana zela ezagutu ere bai. Ordu bata edo inguru horretan norbaitek ikusi ere egin omen zuen Potter errekasto batean odola lehortzen. Beraz... Garbitze hori oso susmagarri zen, ze Potter ez baitzen sekula garbitzen. Herritarrek herri osoa aztarrikatu omen zuten hiltzailearen bila. Baina hau ez omen zen inondik ageri. Sheriff jaunak, zaldizko zenbait bidali ere bai herri ingurura baina alferrik. Jende guztia hilerrira zihoan. Bide batetik eta bestetik. Tomek, uler daitekeenez, ez zuen inolako gogorik hara joateko. Nahiago zuen beste edozein lekutara joan. Baina, nonbaiteko eragin misteriotsu batek arrastatzen zuen harantz. Eta iritsi ziren. Eta ikusi ere bai ikuskizun ikaragarri hura. Tom jende artean labaindu zen. Halako batetan norbaitek zimiko egin zion besoan. Begiratu eta Huck zen. Biak harrituta. Hura gertakizuna. Gero ingurura begiratu zuen, norbaitek haien begirapen artean zerbait susmagarri harrapatu ez ote zuen ziur egoteko. Baina guztiak aurreko ikuskizun hari begira zeuden, marmar batean. —Gizon gaixoa, gazte gaixoa. Izan ere ez dakit nik zer demoniotarako etortzen diren hildakoak lapurtzera. Muff Potter harrapatzen badute zintzilikatuko dute, dudarik ez izan. Honelako iruzkinak entzuten ziren han. Eta apaiz jaunak: —Hau Jaungoikoaren zigorra da! Bere eskua garbi ikusten da. Tom dardaraz jarri zen une batean, ze ezkerralderago ikusi ahal izan baitzuen Joe indiarra. Haren aurpegi beltz zurbila espresiorik gabe. Baina berehala, jendea larritu eta harritu zen. Guztiak atzera begira jarri ziren esanaz: —Bera da eta, bera da eta! Bere gaiztakeria lekura dator. —Nor, nor? —Muff Potter! —Orain geldirik dago. Atzera bihurtu nahi du. Ez utzi ihes egiten! Baina Muff Potter jaunak ez zuen ihes egiteko asmorik. —Hori lotsagabea —esaten du batek. Beharbada berak egindako okerra ondo ote dagoen begiradatxo bat ematera etorriko zen. Beharbada, hemen inor ez zegoela usteko zuen. Laster jende tartean pasillo bat egin zen eta handik pasa ziren Sheriff jauna eta Muff Potter. Sheriffak besotik heltzen zion besteari. Ikusi zuten aurreko hori. Potterek ezin izan zuen horrelakorik ikusi. Bi eskuekin aurpegia estaltzen zuela, zera esaten du: —Hau ikaragarria da, hau ikaragarria da. Baina, nik ez dut egin! Nik ez dut egin. —Eta nork salatu zaitu? —deiadar egin zion batek—. Hitz horiekin Potter animatu egin zen. Lehortu zituen bere malkoak eta geroxeago Joe indiarrari begira zera esaten du: —Joe, zuk agindu zenidan... —Zurea al da laban hori? —galdetzen dio Sheriffak. —Banekien bai, banekien bai hemen zegoela. Gero gorputz guztia dardaraz jarri zitzaion. Eutsi ez baliote lurrera eroriko zen. Eta esaten dio Joeri. —Joe, orain alferrik da, orain alferrik da. Esan ezazu nola gertatu zen guztia. Esan guztiei. Huckleberry eta Tom mutu gelditu ziren. Zer esango ote zuen Joek?. Esan, zituenak esanda, harriturik zeuden, zeren iruditzen zitzaien une batetik bestera zeruko tximistak etorri eta erdibanatuko zutela. Eta merezi, merezi baitzuen. Harritu ziren hori gertatu ez zenean. Beren zina hausteko gogoa ere izan zuten. Baina mingaina berriro korapilatu eta isilik geratu ziren. Handik minutu batzuetara, Joek aitorpen berdin-berdinak egin zituen. Esango litzateke, ondo ikasita zeukala, ez baitzuen hitzik ere aldatu. Baina ez ziren ausartu. Beltz horrek etsaia zeraman bere barruan. Etsaia berbera. Eta etsaiaren indarraren kontra ezin daiteke ezer egin. —Zergatik ez duzu ihes egin? —galdetu zion norbaitek. —Ihes egin? Ihes egin? Aurrena urrutira joatea pentsatu nuen. Baina ezin nuen, alferrik. Indar ezkutu batek bultzatzen ninduen honantz. Joeren aurpegia ez zen zipitzik aldatu. Hotz eta espresiorik gabe. Mutilak harrituta, zerua ere berarekin beldurtzen zela iruditzen zitzaielako. Geroxeago, Joek berak, hildakoa ohe batean etzaten lagundu zuen bere etxera eramateko. Gauza izango ote ziren sekretu hura gordetzeko? Kontzientziak min ematen zien. Gauez ere ezin zuen Tomek lorik egin. Beti urduri, ohean jira eta buelta. Ez zuen lo onik egiten. Jim bera ere ondo konturatu zen. Eta goiz partean, zera esaten dio: —Tom, ez dakit zer gertatzen zaizun. Baina ohean buelta besterik ez duzu ematen. Eta hitz egin ere asko hitz egiten duzu. Ez didazu lo egiten uzten. Tomen begiak harritu ziren, eta gero jaitsi zituen: —Hori seinale txarra da —zioen izebak—. Zer darabilzu buruan? —Ezer ez. Nik dakidala, ezer ez. Baina mutilaren eskua dardaraz zegoen, eta kafesnea ere, dar-dar harekin pixka bat isuri zitzaion. —Gainera —esaten dio Jimek, oso gauza arraroak esaten dituzu. Atzo, zera esaten zenuen: “Odola, odola”. Eta gero: “utz nazazu bakean, utz nazazu bakean, ez nazazu oinazetu, esango dut, esango dut”. Baina, Tom, zer duzu, bada, esateko? Tom kainabera bat bezala dardaraz. Zer esan, eta zer erantzun. Baina berehala izeba Pollyk erantzuten du: —Seguru erailketa ikaragarri horrengatik dela. Nik ere ezin dut lorik egin. Batzuetan neronek egin dudala ere iruditzen zait. Kezkati nabil. Ez naiz harritzen Tom ere kezkatan ibiltzea. Maryri ere gauza berbera pasatzen zitzaion. Eta ezin lorik hartu. Nolabait Tomek handik alde egin zuen, ezer gehiago esan gabe. Geroztik, gauero hagineko mina zuela eta zapi bat jartzen zuen ahotik. Ez hitz egiteko, noski. Baina, Jimek, jakin nahiez, askatu egiten zion lo hartzen zuenean, eta zer esan zezakeen entzuten egoten zen. Gero, ordea, hainbeste hagineko minarekin ere aspertu zen. Nolabait barrua ere lasaitu zitzaion. Eskolan, bere lagunek garai hartan, katu hilen jokoarekin jarraitzen zuten. Berak ezin zuen eraman, eta behin ere ez zuen parte hartzen. Jimek ondo begiratzen zuen zer egiten eta zer ez zuen egiten Tomek. Gauza berriren bat baldin bazen, bera izango zen buru. Baina beste horietan, begira egoten zen, parte hartu gabe. Alde ere egiten zuen. Eta Jim harrituta. Lehen ez baitzuen horrelakorik egiten. Egun txarrak ziren haiek. Tom, sarritan inguratzen zen herriko kartzelara. Eta kartzela burdin artetik, sasi hiltzailearengana joaten zen, Potterrengana. Kontsolatzera eta erregalo txikiak eramatera. Horrela barrua lasaitzen zuen. Kartzela, txikia zen, nolabaitekoa. Ihes egin nahi zuenak, ez zuen ikaragarrizko miraria egin beharrik. Baina han jarraitzen zuen Potterrek. Joe jaunak hildakoen lapur fama zuen herri hartan. Baina inor ez zen ausartzen harekin hastera. Beldurra zioten. Joek borroka haren berri eman zuenean, ez zuen esan bera zertara joan zen. Baina guztiek zekiten. Ez ausartzen, ordea. Horregatik, kasu hau oraindik auzitara ez eramatea erabaki zuten. XII. KATUA ETA GANTZUKI HARRIGARRIA Tomek bazuen zertaz kezkatu. Eskolan ez zuen pozik sentitzen. Hain zuzen Becky Thatcher ez zen eskolara joaten. Zergatik? Tom saiatu zen hamaika bider harekiko maitasuna deuseztatzen, baina alferrik. Ezin. Hura burutik kendu nahi eta hura hantxe. Hamaika aldiz inguratu zen epailearen etxe ingurura, ea ba inoiz ikustatzen ote zuen. Alferrik. Beharbada, gaixorik ote zegoen bere neskatxa hura? Beharbada bai. Eta hiltzen bazen, zer? Eta guztia bere erruz izango balitz? Eta? Eta...? Bizitzeko gogo guztiak joan zitzaizkion. Ez zuen bizirik egon nahi. Ez zuen gogorik, ez gudari izateko, ez itsaslapur izateko. Triste zegoen beti, triste, erremediorik gabe triste. Izeba bera ere kezkatzen hasteraino. Izeba hori belar zale horietako bat zen. Gauza sanoak zituenik ezin ukatu. Baina bazuen sineskeria zital bat hamaika sendakinetan. Azaltzen ziren formula xelebre guztiak lur egokia aurkitzen zuten berarengan. Edozer gauza zela, berdin zen. Eta probak egitea gustatzen zitzaion. Baina ez bere larruan, auzoko edozeinen larrutan baizik. Nola lo egin, nola etzan, nola altxa, sorginkeria pila bat. Orduantxe azaldu berria zen urarekin egin behar zen tratamendu bat. Eta noski, Tom gaixo zegoenez gero, berarekin probak egitea erabaki zuen. Egunsentiro ezkaratzean zutik jartzen zuen eta izugarrizko ur jarioak botatzen zizkion gainetik, lehendabizi hotzak, gero beroak. Gainetik toalla zakar bat pasatzen zion, odola mugi zedin. Gero maindire busti eta berotan tolestatzen zuen, izerditan pats, jarri arte. Handik joaten omen ziren gorputzak izan zitzakeen zikinkeria guztiak, ia arimakoak ere bai. Baina mutikoak, beti bezain triste eta goibel jarraitzen zuen. Zeharo eroria eta tristea. Izebak, berriz, bainu hotzak, hemendik, bainu hotzak handik, orain eserita, orain zutik, proba guztiak egiten zituen. Gero ura oloarekin nahasten ere hasi zen, bestetan txandaka. Eta horrela egunak joan, egunak etorri. Uraren tratamendu horrek ez zuela onik ekartzen eta, beste batekin hasteko gogoa etorri zitzaion. Hain zuzen, egun haietan bertan, “mirarizko gantzuki” zeritzan zerbait asmatu zuen norbaitek nonbait. Eta nola ez, izeba Polly erostera joan zen. Oraingoan berak ere probatu zuen zerbait. Benetan erreakzio harrigarria barruan sortu ziona. Itxura gabe erosi zuen, hura baino hobeagorik ezin zitekeela pentsatuaz. Isurki bat zen, likido bat, baina sua bezalakoa bere ondoriotan. Eman zion kutxaratxo bat ilobari. Eta arretaz zain jarri zen. Eta hara bada, mutikoa animatu zen eta berriro bizitzeko gogo berriak sortu zitzaizkion. Sua zeriola jarri zitzaion Tomi barru guztia. Tomek egunero eta egun barruan sarri eskatzen zion gantzuki famatu hura. Izeba Polly aspertu ere egin zen. Beti eska eta eska baitzegoen Tom. Azkenean berak hartzeko baimena eman zion. Baina, egunero bi hiru aldiz begiratzen zuen botila hura. Eta harriturik ikusi zuen, egundoko abantailan jaisten ari zela. Hainbesteren beharrik ba ote zuen, bada, mutiko hark. Zer egiten ote zuen hainbeste botikarekin?. Baina Tomek gantzuki hura beste eginkizunetarako erabiltzen zuen. Bere gelako atea zartatua zegoen, zartadura bat zeukan. Eta gantzuki hura trinko samarra zela eta, hura betetzen pilak eta pilak gastatzen zituen. Haizeari zirriztua hertsi nahi, nonbait... Hala ari zen behin, zartadura hura ixten. Eta izeba Pollyren katua azaldu zen bat-batean. Hari ere gustatuko zitzaiolakoan, koilarakada pare bat eman zion. Besterik gabe, katuak egundoko dantza eta salto bizkorra hasi zuen. Bazirudien bazter guztiak txikitu behar zituela. Inguruan zeuden lorontziak hankaz gora joan ziren. Orain atearen kontra, gero hormaren kontra, egundoko zarata atera zuen. Horrela ari zen bitartean, zarata hura zer ote zen jakin nahirik han azaltzen da izeba Polly. Haren harridura katuaren infernuko dantza hura ikustean. Katua, berehala jarri zen atzeko hanken gainean, irrintzi luze eta sakon bat bota eta salto bizi batez, leihotik barna baratzeraino salto egin zuen. Izeba, harri bihurtuta, betaurrekopetik begira. Tom lurrean lehertzeko zorian. Eta izebak: —Tom, zer gertatzen zaio katu honi? —Ez dakit, izeba, ez dakit —erantzuten dio barrez lehertzen. —Ez dut sekula horrelakorik ikusi. Zerk eragin ote dio honetara? —Ez ote? Baina, katuak alai daudenean, horrelakoxe xelebrekeriak egiten dituzte. —Beraz, alai daudenean horrelako gauzak egiten dituzte, e? Hitz haiek bazuten zerbaiten susmoa. —Bueno, bai, bai, nik uste dut baietz, hala uste dut... —Hala uste al duzu? —Bai izeba. Izeba lurrera begira zegoen. Lurrean zer ote zegoen ba...? Tomek ere begiratu zuen lurrera. Anda demonio... han zegoen lurrean kutxarila oraindik ere gantzuki hondarrez, Jaso zuen izebak. Altxa bezain pronto, heldu zion belarritik. Hitz batetan, betiko lekutik, eta beste eskuko behatzak altxatuaz, titarearekin, kaska, kaska, jo zuen. —Ikus dezagun, ikus dezagun, zergatik egin duzu hori? Zer egin dizu zuri katuak? —Pena ematen zidalako egin diot hori. Berak ez baitu izebarik, nik bezala... —Ez duela izebarik. Eta zer esan nahi duzu horrekin, astakirtena? —Ba, berak nik bezala izeba izan balu, aski izango zen izeba hori, bere barruak erretzeko. Katuari eta mutikoari gauza berbera gertatzen zaio. Orduan jabetu zen izeba Polly. Katuarentzat ona ez bazen, nola izan zitekeen mutil batentzat. Eta beti bezala, berandu baina damutu zen. Begiak busti ere egin zitzaizkion eta gero: —Tom, nik asmo onenarekin egin nuen. Eta gainera zuri on egin zizun. —Noski, baietz izeba, noski baietz. Baina nik ere ez diot egin katuari intentzio txarrarekin. Gantzukiak on egin dio. Alai jarri du. —Ale, Tom, zoaz bakean, zoaz, berriro haserretu baino lehen. Egun hartan Tom inor baino lehenago iritsi zen eskolara. Triste zegoen. Gero beste lagunak iritsi ziren. Haiek jolas egiten zuten bitartean, Tom paseatzen gelditu zen, orain gora, gero behera. Noizbehinka, zein zetorren begiratzen zuen. Ez ote zen, bada, egun hartan ere bere Becky etorriko? Hara, gonadun bat, baina... Ez zen hura. Berriro triste. Halako batean, Beckyren anaia begiz jo zuen. Eta harengana joan zen kontuak esatera. Edozein gauza, baina berak nahi zuena Beckyren berriak ziren. Baina, Jeff, Beckyren anaia ergel samarra zen eta ez zen konturatu. Tom, berriro ere atzera begira, aurrera begira, beharbada hura azalduko ote zen amorratzen. Triste, goibel, pauso bat bestea baino azkarrago emateko gauza ez zela. Halako batetan, hara ba... hantxe neska hura. Hura izan zen Tomentzat gudu turuta. Hasi zen korrika, egundoko komeriak egiten, hankaz gora, hankaz behera, geldirik egon ezinik. Korrika saio bat egin zuen inguruan zeuden mutil batzuk bultza eta lurrera botaz. Hurrena, oihuka eta garrasika, han doa. Baina, Beckyk ez zion begiratzen. Konturatuko ez balitz bezala. Hura gehiegi zen beretzat, Tomentzat Beste korrika saioa, eta neskaren aurrean irrist luze bat egin zuen, bukaeran bere aurrean txerpolari-zilipurdi bat emanaz. Neskari, itxuraz, ez zion ikaragarrizko graziarik egin. Eta komentario hauxe egin zuen: —Badirudi mutil batzuek, bere burua interesgarritzat jotzen dutela. Egun guztia txorakeriak egiten pasatzen dute. Tomek entzun zuen ondo. Gorri-gorri jarri zen. Halakorik! Lurretik altxa zen, eta ezertxo ere esan gabe, urrutiratu zen, norabait. Eskolatik urruti. XIII. ITSASLAPURRAK ABIATZEN DIRA Erabakia zegoen. Triste eta desesperatua sentitzen zen. Inork ez zuen maite. Ez lagunik, abandonatua; guztiak ziren errudun. Guztiek baztertu zuten, eta guztiek eraman zuten egoera triste hartara. Egunen batean zer egin zuten konturatzen zirenean damutuko ziren. Orduan berandu izango zen. Beranduegi. Bera saiatu zen zintzoa izaten, garbi jokatzen, baina besteek ez zioten utzi. Ez zioten utzi. Bai jauna! Beraz, besteen errua zen eta ondorioen erantzukizuna ere besteen gain geratzen zen. Zer egin zuen, bada, berak honela tratatzeko? Zer? Besteek behartzen zuten erabaki hau hartzera, eraile bihurtuko zen, baina besteek behartuta. Ez zegoen beste erremediorik. Guzti hori bere barrurako zioen unean, urruti zegoen. Baina, hala ere entzun zuen eskolara sartzeko kanpai hotsa. Intziri bat bota zuen. Ez baitzen gehiago eskola hartara joango. Gogorra zen hura pentsatzea, baina ezinbestekoa. Mundu gaizto, hotz eta erraigabekora bidaltzen zuten. Joan egingo zen eta gainera guztiei barkatuko zien. Hori pentsatzean begi biak busti zitzaizkion. Zotinak ere sendoagoak irten zitzaizkion une hartan. Halaxe zegoen eta han, ez urruti bere bihotzeko lagun bat begiztatu zuen: Joei Harper. Zer ote zerabilen hark bere barruan? Joan zitzaion eta esan ere bai bere asmoen berri. Beraz ez ahazteko ere eskatu zion. Baina, hara nola diren gauzak, Joe ere Tomen asmo berekin ihes egina zen. Etxean baimenik gabe zerbait jan zuelako, amak kristorenak eman eta ospa egin zuen. Bere amak ezin zuen aurrean ikusi. Hori gauza argi eta garbia zen. Ez zuen ikusi nahi. Eta ikusi nahi ez bazuen berak ospa egingo zuen. Onartuko zuen bere gurutzea. Amaren maitasun eza. Izan zedila zoriontsu bera mundu gogorrera bidalita. Berak ahalegina egingo zuen. Baina pentsa zezala gero alferrik izango zirela negar eta malkoak. Bi mutikoak triste zihoazen aurrera eta aurrera. Hain goibel zeuden, ze bien artean betirako maitasuna eta adiskidetasuna izatea zin egin baitzuten. Heriotzak bakarrik zatituko zituen. Joek asmo bereziak zituen. Eremura joango zen, ermitau bezala. Han biziko zen, gutxi jan, ia jantzi gabe, gosez. Azkenean, noizbait nolabait hil arte, minez eta nahigabez. Baina Tomek bere gaizto bidea proposatu zionean, birpentsatzen hasia zen. Itsaslapur izateak bazituen abantailak beste ideiaren parean. Eta berehala itsaslapur izatea erabaki zuen. Herri hartatik lauren bat kilometrora, Mississipi ibaiaren zabal une handienean bazegoen uharte despopulatu bat. Hura polita zen lehenengo ihesia egiteko eta lehenengo egunak igarotzeko. Beraz, uharte hura, Jackson uhartea, hautatu zuten lehenengo abenturak egiteko. Nor izan zitekeen bere lehenengo biktima? Hori ez zuten pentsatu. Auskalo... Berehala, hirugarren bat ondo etorriko zitzaiela eta han joan ziren bi mutilak Huckleberryren bila. Nola ez zuen, bada, halako ideia bat onartuko? Hari berdin zitzaion edozein bizibide. Esan zioten eta baiezkoan geratu ziren. Gauerdian elkartuko ziren erreka inguruan, herritik kilometro pare batera zegoen txoko berezi batetan. Han inguruan bazen enborrez egindako almadia bat. Hura ostuko zuten lehenengo. Bakoitzak bere janariak ekarri behar zituen. Zer? Ez zitzaien axola. Harrapatzen zutena. Zenbat eta . gehiago lapurtu, orduan eta hobeto. Hori izango zen bere taxuzko lehenengo lapurreta. Arratsaldea iluntzen hasi zeneko, hiru bidegabetuek herrian zehar halako misteriozko zerbait zabaldu zuten. Harrokeriaz, egin ere: —Inork uste baino lehenago, gauza harrigarriak entzungo dituzue gutaz. Gauza harrigarriak. Ez esan inori, baina laster entzungo dituzue...! Esandako ordurako joan zen hitz emanda zeukaten sasi ondora. Urdaiazpiko bikain batekin eta beste zenbait gauzatxorekin. Zeruan izarrak dir-dir zegiten eta inguruko bakea ikaragarria zen. Gehiegia. Ibaia patxaran zihoan, zabal eta lasai. Inon ere ez hotsik. Jo zuen txistu. Erantzun zion norbaitek gailur txiki batetik. Berriro ere txistu jo zuen. Berriro ere erantzuna izan zuen. Eta hirugarrengoak ere bai. —Hara, gure mutilak dira, dio bere golkorako. —Huck Finn “Hatzapar gorri” eta Joe Harper “Itsas bazterren izu”. Tomek bataiatu berriak zituen bi lagunak, bere irakurgai xelebretatik ateratakoak, ezbairik gabe. —Orain pasahitza. Bi ahotsek erantzun zioten ia batera. —Odola, odola...! Atera zen Tom bere ezkutalekutik. Bota zuen aurretik urdaiazpikoa. Besteak ere laster inguratu ziren. Bidetxo bat zegoen, nahiko erraza, beharbada errazegia beraiek pentsatu zituzten zailtasunekin alderatzeko…“Itsas bazterren izuk” zerri solomo handi eta guri bat ekarri zuen. Hain handia, ze ekartzerakoan ia gibela ere bota baitzuen izerditan. Finn “Hatzapar gorrik” ez zuen ezer ikaragarririk harrapatu ahal izan. Kazuela bat eta tabako horri pila. Baina zertarako? Berak ez beste inork ez baitzuen erretzen... “Itsasoen izurri beltzak” hasera emateko sua piztu behar zuela bota zuen. Ideia hori ongi iruditu zitzaien besteei ere. Handik berrehunen bat metrotara, su bat zegoen almadia baten ondoan. Inguratu ziren eta isilka-misilka ikatz txingar bat ostu zuten. Ibilaldi hura ere misterioz bete zuten. Bi pauso ematen zituzteneko, batek “tsis” eta besteak “tsis”, hanka puntetan eta abar inguratu ziren. Hura zen abentura hura! Kontuz ibili, eta etsaia azaltzen bazen, heldu sastagaia eta bizkarretik bihotzeraino sartuko zioten. Hildakoak ez baitute hitz egiten. Ondo zekiten baltsa hartako gizonak herrian zeudela, tabernan edo beren etxean. Baina zer axola zitzaien? Hala ere barruko beldur iluna disimulatzearren joan ziren nolabait bere balentriak azalduaz. Berehala hartu zuten almadia ere. Tom jarri zen kapitain. Huck atzeko arraunean eta Joe aurrekoan. Tomek agindu gogorrak ematen zituen. Piratak bezala: —Arraio ostibiriri! Bota haizetara itsasontzia! —Ongi jauna —erantzuna—. —Goooogor, gooogor! —Bai jauna, egin dugu. Oihalak gooogor daude. —Askatu apurtxo bat. —Egina dago, jauna. Pentsa dezakegunez, almadia hura ibai erdira eramatea, munduko lanik errazena zen, baina girotzen ari ziren mutikoak. Gero etorriko ziren abenturetarako. —Zer oihalak ditu? —Hiru haundi eta bi txiki. Ia zuek, seiok, hor goiko hori. —Egina, jauna. —Orain masta nagusiari lotu beste oihal hori. Gora mutilak! —Segituan, jauna. —Aurrera, aurrera. Gooogor. —Gogor, jauna. Baltsa ibai ertzean zegoen. Geroztik arraun bat nahiko izan zuten eta hura gidatzeko besterik ez. Ibaiaren korrontea nahiko zen aurrera bultzatzeko. Mila pasa zituzten. Orain herri aurretik pasatzen ziren. Bizpahiru argien keinuak besterik ez ziren ikusten. “Itsasoko izurri beltzak” han jarraitzen zuen besoak gurutzaturik, baltsaren jaun eta jabe. Zutik, serio, kopeta zimurtuta. Guztiaren jaun eta jabe balitz bezala. Bera zen mutila, bera... halako aurpegi ilun eta gogorrarekin. Begiak garrantzizko zimurrez beteta. Ai, neskak ikusiko balu. Bera nor zer zen jakiteko. Zein kapaza eta inportantea. Baina, ez, lotan zegoen... Bera bere poz eta atsekabe leku izandako herri maiteari begira eta begira. Agur... Malkorik gabeko agurra, zotinik gabeko agurra, agur gogorra... Beste biak ere berdintsu zeuden. Herriari begira eta begira. Berriro ikusiko ez zuten herriari begira. Haiek bazihoazen, urrutira. Nahiz eta ondoko irlara joan, irudimenez, oso urrutira, ikaragarri urrutira. Gauza inportanteak egitera, piratak izatera, guztion harridura eta beldur izatera... Hala zihoazela, konturatu gabe irla pasa ere egin zuten. Atzera jo beharra izan zuten. Uhartera iritsi ziren. Azkar baina, oso urrutiko irlara. Han utzi zuten baltsa eta erabakitako mailo baten atzean gorde zituzten janari guztiak. Kanpamendua oihal zahar batekin egin zuten. Mailo haren ondoan zelaitxo bat zegoen eta gero baso beltz eta adartsua. Ordu biak ziren. Zartagina atera eta afaria prestatu zuten, afaria edota gosaria, edozer gauza. Ekarritako ogi handi bat eta urdai puska bat ere irentsi zuten. Bazirudien dagoeneko kristoren azioak eginda zeudela, ikaragarri gosetuak eta abar. Jolas polita zen hura. Urrutian gelditu zen zibilizazioa. Berak irla despopulatu batean zeuden. Libre, sokarik gabe. Sua piztu zuten baso barnean. Baso enborrak gorritu ziren, goiko adarrak fantasma moduko itzalak botatzen zituzten. Azkeneko urdai pusketa bukatu zenean, lurrean etzan ziren. Bazegoen han hura baino leku babesagorik. Baina sutondoan nahiago zuten. Kanpamenduaren ondoan. Leku erromantikoa zen hura. —Hau bai gauza ederra! —Zein ondo pasatzen ari garen! Zer esango ote lukete eskola lagunek ikusiko bagintuzte? Inbidiaz hilko lirateke. —Edo beldurrez. Ez, Huck, ala? —Noski baietz —erantzun zuen Huckek—. Ni ondo nago. Baina hemendik aurrera ez dut hainbeste jango. Dena dela, hemen ez dit inork erretolikarik botako. Errietarik egingo. Bizkarrekorik emango. —Zenbat gustatzen zaidan honelako bizimodua —esaten du Tomek—. Hemen ez dago presarik goizean jaikitzeko, ez eskolara joan beharrik, ez garbitu beharrik, ez beste hamaika lelokeria egin beharrik. Pirata batek ez ditu horrelako gauzak egin behar. Dena desberdina egin behar du, e Joe? Baina “ermitau” batek gehiegi errezatu behar du. Gehiegi, eta ez du denborarik jolas egiteko. —Arrazoia duzu —erantzuten dio Joek—. Ez zitzaidan bururatu. Nahiago dut, askoz ere, itsaslapur izan. —Gainera gaur egun —esaten du Tomek—, ermitauak ez dute ospe onik. Garai batetan, bai, ba omen zuten. Gaur, ez. Inork ez die kasurik egiten. Ermitau batek, gainera, edozein gauza jantzi behar du. Zenbat eta zakarrago orduan eta aproposago da beretzat. Buruan hautsa jarri behar du, euria egiten duenean kanpoan egon. —Zergatik egin behar dute guzti hori? —Nik ez dakit zergatik, baina guztiek horrela egiten dute. Zuk ere hori egin beharko zenuke ermitau bazina. —Lepoa moztu diezadatela orduan! —Zer egingo zenuke, bada? —Ez dakit. Zer dakit nik zer egingo nukeen! —Beharbada alde egingo zenuke. Zu bai ermitau gizajoa! “Hatzapar Gorrik” ez zion erantzun. Adar bat hustu berria zuen labanarekin. Gero barru guztia tabakoz bete zuen. Eta ertz batetik su eman zion ke bolak atera arte. Besteak begira zeuzkan. Baina ez zekiten erretzen. Baina bere barruan inbidia sentitzen zuten eta erretzen ikastea erabaki zuten. Gero Huckek esaten du: —Zer egin behar dute itsaslapurrek? —Itsaslapurrek, lapurreta egin behar dute. Itsaso zabalean ontziak harrapatu, ur azpira bota, jende guztia akabatu, diru eta urrea hartu eta gorde. Fantasmek gordetzen diete bere aberastasuna. —Eta emakumeak, irlara eramaten dituzte. Emakumerik ez dute hiltzen. Onegiak dira. Gainera emakumeak beti dira ederrak. —Baina piratak oso ondo janzten dira. Dena urre, zilar eta harri bitxi, mantu gorri, urdin eta... Huckek esaten du orduan: —Ez dut uste orduan, nire arropengatik itsaslapur ematen dudanik! Baina ez dut besterik. Tomek, ordea, ez zitzaiola axola esan zien. Oraingoz, aski zuten arropa zaharrekin. Gero, bai, gero, lanean hasten zirenean, lortuko zituzten jantzi apain, urre, diamante eta abarrezkoak. Poliki-poliki loak hartu zituen hiru mutilak. “Hatzapar Gorriri” ustekabe pipa lurrera erori zitzaion. Beste biek ez zuten hain erraz lo hartu. Lurrean etzanda egin zituzten azken otoitzak. Ez etxean bezala belauniko. Han haiek belauniko jarri? Aurrena otoitzak ere baztertzea pentsatu zuten. Baina gero... barru mina eta ez dakit nongo fantasmen beldur ziren. Beraz, denak esan zituzten. Geroxeago, loak poliki- poliki menderatu zituen. Baina bazen haien barruan zerbait esna zegoena: bere kontzientzia. Hark gogoratzen zizkien egun hartan egindako oker guztiak. Lapurretak. Besteen gauzak harrapatu. Gero etxetik ihes egina... A ze barruko harra sentitzen zuten. Bestetan ere harrapatzen zituzten gauzak, baina huskeriak. Ez ordea, urdaiazpiko osoa eta horrelako gauza handiak. Beraz, erabaki zuten, itsaslapur izan arren, sekula gehiago ez zutela besteren ezer beretzat hartuko. Itsaslapur xelebreak, ikus daitekeenez. Barrua lasaitu zitzaien horrelako pentsamenduekin, eta gero lasai lo hartu zuten. XIV. AKANPAKETA BIKAINA Hurrengo goizean esnatu zen Tom. Begiak igurtzi eta ingurura begiratu zuen. Hura zen baso handi eta adartsua! Eta zer bakea nabaritzen zen inguruan. Orri bat ere ez zen mugitzen. Ihintzak bere kristalezko ur tantoak zabaldu zituen nonahi. Gauean egindako sua hauspean zegoen. Beste bi lagunak, Huck eta Joe oraindik lotan. Geroxeago txori batek bere txorrotxio etengaitza bota zuen. Beste batek erantzun zion urrutiagotik. Hurrena okilaren taka takatekoa entzuten zen. Pixkana-pixkana laino ilunak argitzen hasi ziren. Kezko gris hura argitzen, alaitzen. Izadia zabaltzen eta zabaltzen hasi berria zen, egunaren buruan bere edertasun osoa zabaltzeko. Hosto eze baten gainean har batek lepoa altxa zuen urrutira begira, bere bidaia jarraitzeko asmoz. Dudarik gabe bazterrak miatzen ari zen. Tom geldi-geldi jarri zen, har hura nondik nora joango ote zen zain. Harrak atzera egin zuen, gero aurrera, atzera eta aurrera, nora joko ote zuen, azkenik. Azkenik, ba, Tomen gainetik abiatu zen. Tom asko poztu zen, ze hark esan nahi zuen, laster jantzi berri-berri bat izango zuela. Geroxeago inurri andana bat begiztatu zuen, denak ilaran zetozela. Handik, nonbaitetik, norabait. Batek hatzaparretan armiarma hil bat zeraman. Bera baino lau aldiz handiagoa. Enbor gainetik eraman nahi zuen. Kostata baina etsi gabe. Hantxe txori bat, marigorringo bat, bere aurrean ikusi zuen lepoa okertuta eta esaten dio: “Marigorringo, marigorringo hegaztia, zure etxean su ikaragarria, har ezazu harantz bidaia, bestela erreko dira zure ume guztiak”. Eta marigorringoak alde egin zuen handik. Txoriek gero eta zarata gehiago ateratzen zuten. Haietako bat adartxo batean jarri zen, Tomen buru gainean. Tomek bere abestia imitatu zion eta txoriak erantzun. Bele bat kokatu zen adartxo batean. Tomek eskua luzatuaz gero, harrapatzeko moduan. Bere burua alde batera jarri zuen, hango bizilagun berriei begira. Katagorri bat ere igaro zen handik, saltoka. Bazirudien guzti haiek beraiei begira eta agur egitera inguratu zirela. Ze, ziurrena, ez baitzuten gizaseme bat han sekula ikusi. Izadi guztia esnatu zen. Eguzkiak bere suzko ezpataz ludia zulatzen zuen. Tomek bere poza besteei zabaldu nahi zien. Eta besterik gabe, esnatu egin zituen. Zer gero, halako edertasuna inguruan eta haiek zaku zaharrak bezala lotan. Geroxeago baso barruan sartu ziren. Hurrena arropa guztiak bota, larru gorritan ipini eta ur garbi eta epelean bainatzen ari ziren. Ez, ez. Ez zuten han urrutitxo zegoen hilerri haren inbidiarik sentitzen. Geroxeago konturatu ziren, ur korronteak almadia eramana zuela. Ze ez baitzuten lotu ere. Hobeto —pentsatu zuten—. Horrela zibilizazioarekin lotzen gintuen azkeneko zubia ere desegina baita”. Kanpamendura itzuli ziren. Gosez amorratuta. Baina pozik zoratzen. Berehala piztu zuten sua. Handik metro batzuetara iturri garbi eta garden bat zihoan ur jauzi txorrotxioka. Hosto eta enborrekin egin zituzten edalontzi antzeko tresnak. Baziren han haritz eta intxaurrondo eder askoak. Haien adarrak bereziak ziren horretarako. Esan zitekeen ur hura kafea bera baino hobea zela. Haiei, behintzat, hala iruditzen zitzaien. Joe urdaiazpiko xerrak egiten hasi zen. Ze halako gosea zutenez, gosaria egin beharra zegoen. Tom eta Huck lagunek, ordea, itxoiteko esan zioten. Eta besterik gabe, erreka ondora inguratu ziren arrantza egiteko asmoz. Bai laster arrantza egin ere: lupinak, zarbo pare bat, eta beste bizpahiru arrain. Nahikoa zen hura guztientzat. Joan eta laster frijitu zituzten. Hura bai gozoa! Sekula ez zuten hain arrain gozorik probatu! Ez zekiten haiek, ur gozoko arrainak harrapatu berrian izaten direla gozoenak. Eta ez zuten pentsatzen aire librean lo egin eta bainatzeak adinako gosea ez duela ezerk ere irekitzen. Gosaria bukatu zutenean baso barna sartu ziren. Zoratzen. Tripa beteta, zuhaitz beldurgarri haien artetik, adarrez jositako pasillo ederretatik. Noizbehinka lorez jositako goroldio zelaiak ikusten zituztela. Gauza ederretik ikusgarri ikusi zuten. Baina ez ziren ia harritzen. Irla alde batetik besteraino igaro zuten. Ertz batetik besteraino. Ez zen hain handia. Luzeran berrehunen bat metro eta zabaleran ehunen bat edo horrela. Muturrean, ia beste aldeko erribera jotzen zuen. Beraz, ur beso labur batek banatzen zituen. Nahi adina uretan sartu ziren. Korrika egin zuten, eta zer ez...? Gosetu ere ikaragarri. Gero, erabaki zuten itzultzea ere bidezkoa izan zitekeela gose hura asetzeko. Ez zuten arrain bila ibiltzeko gogorik. Gose gehiegia sentitzen baitzuten. Harrapatu zuten guztia jan zuten. Ia prestatu gabe. Goizeko txukunkeriak sobran zeuden arratsean. Dagoeneko erdi iluntzen ere hasia baitzen. Zein ederki igaro zuten. Gerora, berriketa ere moteltzen zihoan, gero eta isilago, gero eta motelago. Guztia zegoen hain isilik eta geldo, ze guztiak horretara behartzen baitzuen. Bakardade ikaragarria hango hura. Ikaragarria eta errespetu handikoa. Guzti horrek bere anima ere eragin zuen. Herrimina eta etxe mina sortzen hasi zitzaien. Pentsatzen hasi ziren. Hura zuten gogoan: herria, baina batik bat etxeko epela. Finn berak “Atzapar Gorrik” etxeko eskailera maila guztiak gogoratzen zituen, bat, bi, hiru, laugarrena erdi hautsia, bosgarrena pipiak jota... Baina hiruak barruko bigunkeria haiengatik lotsatuta bezala zeuden. Ez zuten esan nahi bere sentimendua, nahiz eta guztiak gauza berdinak pentsatzen egon. Urrutitik, ordea, soinu berezi baten sona iristen zen. Tik-tak tik-tak etengabeko bat bezala. Aurrera ez zuten arretarik jarri. Baina gero eta gehiago entzuten zen. Eta orduan bai, arreta jarri zuten. Erne jarri ere bai. Hurrena, isiltasun osoa, gero danbateko handi bat. —Zer da hori? —galdetzen du Joek ahots isilean—. —Zer dakit nik! —erantzuten dio Huckleberryk erdi izututa—. Beharbada trumoia izango da. —Erne, erne! —Tomek—. Entzun... ez hitz egin... Isildu ziren arretaz entzuteko. Une luzeak haiek. Gero, berriro, lehengo tik-tak hotsa entzuten zen. —Ikus dezagun zer den hori. Salto batean ur bazterrera joan zen urduri. Han sastraka baten atzean ezkutatu ziren. Hara ba... urruti itsasontzi bat ikus zitekeen. Kilometro eta erdira, gutxi gora behera. Barruan, bazirudien jende pila zegoela. Barku inguruan txalupa sail bat ere ikusten zen. Zertan ari ote ziren han haiek? Urrutitik ez baitzen nabaritzen. —A, badakit —esaten du berehala Tomek—. Norbait ito da. Ziur baietz. —Hori bera —esaten du Huckek—. Iaz Bill Turner ito zenean ere berdin jokatu zuten. Kanoikadak bota zituzten. Gero gatzetan igurtzita ogi borobilak botatzen dituzte urpera. Ogi horiek itotakoa dagoen lekuan geratzen omen dira. —Nik ere zerbait entzun dut bai horretaz —dio Joek—. Baina ez dut ulertzen nola ogi gatzatu batek halakorik egin dezakeen. —Ez da ogia izango, noski —Tomek—. Ogia baino gehiago zera da: urpera botatzean bere gain esaten dituzten exorzismo guzti horiek lortzen dute hori. —Baina ez dute ogiaren gain ezer esaten eta —Huckek—. Ikusi nuen nik eta ez zuten ezertxo ere esaten. —Bueno —Tomek—, ahots altuan ez dute ezertxo ere esango. Baina beren baitan bai, makina bat gauza. Besteak ados zeuden. Bestela ogi bat nola izan zitekeen hildako bat bilatzeko gauza? —Arraioa! —esaten du Joek—. Pozik egongo nintzateke haien artean oraintxe. —Baita ni ere —Huckek—. Emango nuke ez dakit zer... nor ito den jakiteagatik. Eta berriro ere ikusi eta entzun, han jarraitu zuten. —Arranopola —esaten du Tomek geroxeago—. Zein tontoak garen! Badakit nor ito den. Badakit. Gu gara itotakoak. Gure bila dabiltza. —Noski, baietz —esan zuten besteek. Zein inportanteak ziren. Hainbeste jende haien bila! Denak negarrez. Guztiak beren beharra sentitzen zuten. Noski, bada, lehen erraz baztertu zituzten, baina orain berriz, guztiak haien atzetik. Eta gainera, herri guztiak mutil haiek besterik ez zuen aho burutan. Seguru asko, eskolako neska mutil haiekiko inbidia latza sentituko zuten. Zein inportante bihurtu ziren eta halako denbora motzean. Bai, noski, itsaslapur izatea gauza handia zen. Ez zegoen dudarik. Ilundu zuenean, ontzia ezkutatu zen. Txalupak ere bai. Hiru piratak kanpamendura itzuli ziren. Herrian sortu zuten min eta nahasketa hark, egundoko poza ematen zien. Gero arrain batzuk harrapatu zituzten. Gero asmaketan ere ibili ziren. Zer esaten ote zuten beraiez herrian? Denak kezkatuak. Zer alaitasuna. Gero ilunak bere mantu beltza zeharo bota zuenean, pentsatzen gelditu ziren. Hitzik ere egin gabe. Burua beste lekuetan. Tom eta Joe etxeaz gogoratu ziren. Denak kezkatuak egon arren, haien etxekoak nola ote ziren? Haien sufrimenduak ez zien batere pozik ematen. Zotin disimulatu batek eta gero beste batek ere alde egin zien. Nahi gabe baina... Azkenean Joek, nolabait eta isiltasun hura hautsi nahirik zera proposatu zien: Zergatik ez zibilizaziora itzuli...? Orain- dik ez, baina... Tomek ez zion ideia hura barkatu eta burla eta iseka egin zion. Huck ere, oraingoan Tomen alde atera zen. Beraz Joe gizajoa, edo oilo bat zen edota bazterrera utzi behar zituen ideia haiek. Berak, ez zuen oilo bezala gelditu nahi. Ez zuen berriro esan.. Gaua sartzen ari bezala, Huck kulunkadak ematen hasi zen. Joe ere bai. Laster biek lo hartu zuten. Tom, ordea, esna zegoen, ukalondoan bermatuta, lagun biei begira. Bazerabilen zerbait buru barruan. Geroxeago, hanka puntetan altxa zen, lagunak ez esnatzeko, sutara inguratu zen eta bi ikatz hartu zituen. Gero, nonbaitetik enbor azal bi lortu eta han idatzi zuen. Idatzi bat bere zamarra poltsikoan gorde zuen, eta bestea Joeren kapela barruan. Hori egin eta gero, isilka-misilka urrutiratu zen. Aurrena poliki, zaratarik ez ateratzeko, baina gero korrika bizian. XV. TOMEK BISITA MOTZ BAT ETXERA Itsas bazterrera joan zen. Eta uretara sartu ere bai. Zutik oraindik. Baina berehala urak gerriraino busti zuen eta ezin zen zutik jarraitu. Igeri egiteari ekin zion. Ongi zekien, eta laster iritsiko zuen beste itsasertza. Korronte dezentea zegoen han, baina, ahaleginak egin eta falta zitzaizkion ehun metroak burutu zituen. Kolpean eskua poltsikora sartu zuen, zuhaitz azal hura puskatua, borratua ote zegoen. Baina, ez. Oso osoa zegoen, ia-ia busti gabe. Sartu zen basoan barna, bere arropetatik ur parrastaka. Laster bapore bat ikusi zuen. Txikitxoa, baina bere eginkizunetarako nahiko egokia. Sartu zen korrika batean eta arraunlariek duten leku inguruan etzan zen. Laster, martxa eman eta herrirantz abiatu zen. Ordu laurden bat edo ordu erdi bat geroago gelditu zuen, herri azpian. Normalean geratzen diren lekutik 50en bat metro lehenago. Ez baitzen komeni inork ordu hartan ikustea. Berriro ere igerian. Eta lurra ukitu zuen. Korrika, eta estropezuka abiatu zen, bide ezezagunetatik, bere izebaren etxeko hor- ma azpira iritsi arte. Horma hura gainditu, eta ganbarara inguratu zen. Saloiko 1: hortik barrua ikus zitekeen. Oraindik argitan. Lau pertsonen hitz hotsa entzun zitekeen: Izeba Polly, Sid, Mary, eta J. Harperren ama. Ateraino inguratu, et poliki-poliki, ahal zuen geldi eta isilen ireki zuen atea. Haren dardara, ateak kirrinka egiten zuen bakoitzean! Arnas ere geldituta, ireki zuen bera pasatzek adina. Sartu zitzaigun, bada, barrura... —Zergatik mugitzen da hainbeste kandela honen sua? —galdetzen du berehala izeba Pollyk?—. Tomen larritasuna. Inguruan ohe bat zegoen eta haren azpian ezkutatu beharko zuen. —Baina, nork ireki du atea? —esaten du gero segidan—. Ene bada, zenbat gauza harrigarri gertatzen diren hemen gure artean! Itxi ezazu Sid. Tomen bihotz taupadak! Justu-justu gorde zen ohe azpian. Geldi-geldi, larritasun hartan ere bihotzak taupada latzak ematen zizkiola. Eta hizketaldi guztia entzun ahal izan zuen. —Zera —jarraitu zuen izeba Pollyk—. Tom gaiztoa... gaiztoa ez da. Ezin daiteke gaiztoa denik esan. Baina bihurria, hori bai, bihurririk baldin bada inguruan. Zoro eta txotxolo samarra ere bai. Askotan zaldikume batek baino buru arinagoa du. Ez da intentzio txarrekoa, ez. Beharbada oraindik nik ez dut ezagutu halako bihotz onik. Hori esaterakoan negarrez hasi zen: —Ba, berdin samarra da nire seme Joe ere. Berak ere bihotz ona zuen, baina beti ametsetan bizi behar. Ez dakit zer eta badakit zer asmo berri, proiektu arraro. Baina bihotz ona eta emankorra. Ondo asko sartu nuen berarekin hanka. Egundoko zigorra eman bainion krema bat faltatzean bera zelakoan. Gero, konturatu nintzen neronek bota nuela, mindu egin zitzaidalako. Hau da nire pena. Eta gehiago ez dut mundu honetan ikusiko, gehiago ez, gehiago ez. Joeren ama ere negarrez jarri zitzaion. —Ondo, bego dagoen lekuan —Sidek—. Nik ez diot gauza txarrik desiratzen. Baina lehen, batik bat zenbait gauzetan, zintzoagoa izan bazen, gaur egun ez zueni kalterik izango. —Siiid! — izeba Polly—. Tomek ere entzun zuen izebaren hasperen gogorra. Nabaritu zuen haren begirada zorrotza ere. —Siiid! Ez dut hitzerdi bat ere Tomen kontra entzun nahi. Orain ez da bizi, eta ez dut entzun nahi bere kontra ezertxo ere. Jainkoak zainduko du. Egon lasai. Ai Harper andrea, ez dakit nire barrua nola lasaitu. Egia esateko, sufrimendua besterik ez zidan ematen, baina zenbait poz ere bai tartean. Eta zenbat maite nuen nire barruan, ez dago esan ere egiterik. —Jainkoak emana, berak kendu digu. Goretsia izan bedi bere izena! Baina, bai gogorra dela! Lehengo larunbatean ere lehergailu bat bota zidan Joek. Eta ez dakizu zer astindu eman nion. Orain botako balit, besarkatu egingo nuke. —Ulertzen zaitut, bai, ulertzen zaitut. Atzo bertan ere nire iloba bihurri maitatu horrek “Mirarizko gantzukia” irentsi erazi zion katuari. Ia etxe guztia hankaz gora jarri zuen. Jainkoak barka nazala, baina Tomen burua koskorrez bete nuen nire titarearekin. Orain bukatu dira bere buruko minak. Eta berak esan zizkidan azken hitzak... Gogorapen haiekin izeba zaharra negarrez hasi zen berriro. Tom, berriz, ohepetik dena entzuten. Haren begiak ere malkoz busti ziren eta sudurrak mukiz. Maryren negar zotina ere entzuten zen, bera goraipatzen zuelarik. Arraio, hain zintzoa eta jatorra izan ote zen, ba... Ordura arte dena alderantziz entzun baitzuen. Tentazioa ere izan zuen. Irten handik eta izeba besarkatu. A ze poza emango zion. Baina... ez, ez eta ez, eta han jarraitu zuen ohe azpian. Entzuten jarraitu zuen. Ikusten zenez, guztiak ito ote ziren uste zuten. Gero baltsa hutsa aurkitu omen zuten eta. Galdutakoek zera esan omen zuten gainera “laster zerbait garrantzitsua entzungo duzue gutaz”. Beraz, batek hau, eta besteak beste hori, dudarik ez zegoen. Mutil haiek ito egin ziren. Urpean itota. Baltsa erreka bazterrean zegoen hankaz gora lokatz artean. Ito egingo ziren, noski. Ze bestela, gosez etxera itzuliko baitziren. Alferrik izango zen haien bila joatea. Ibili omen zen jendea uretan haien bila. Alferrik, ordea. Eta aste hartan azaltzen ez baziren, dena alferrik izango zen eta etsi beharra zegoen. Eta orduan, igandean izango ziren haien hiletak. Tom larritu egin zen. Harper andreak zotin artean “gabon” esan eta alde egin zuen handik. Gero etxeko bi emakumeak negar batean besarkatu eta puska batean han egon ziren elkar lagunduz. Segidan ohean sartu ziren. Sidek ere gau onak eman zituen. Izeba Polly ohean belaunikatu zen. Azpian zegoen Tom. Ukitu zezakeen. Haren otoitza su txingarra izan zen. Maitasuna zion Tomi. Zer hitz eta zer txingarra ziren hitz haiek! Tomek entzutean, berriro negarrari ekin zion. Ahots dar-dar eta zahartu hark ez zuen halako sufrimendurik merezi. Sartu zen Polly ohean, baina ezin lokartu. Negar, intziri, zotin eta malko... Puska luze batean horrela egon zen. Azkenean ordea, guztia menderatzen duen loak hura ere menderatu zuen eta lasaiturik gelditu zen. Atera zen ohepetik Tom, eta luzaro egon zen izebari begira. Aurpegi ximur eta gozo hura, pergaminozkoa. Begi itzali eta negarti haiek, ile zuri eta tximatsu haiek, zenbat maite zituen. Jakinik ere, ez baitzuen uste hainbesterako zitekeenik. Errukiz bete zen. Enbor azala gau-mahai gainean utzi zuen. Gero, ordea, berriro poltsikoan gorde zuen. Hurrena, izebarengana makurtu eta bere ezpain zimurtuetan musu pare bat eman zizkion. Azkenik, ahal zuen isilen atea ireki eta ihesari eman. Iritsi zen itsasontzira. Sartu eta berriro abiatu atzera, arraunei emanaz. Laster urrutiratu zen eta itzuli ere lehengo lekura. Duda ere izan zuen. Itsaslapurrak barkuak harrapatzea, munduko gauzarik normalena baita. Beraz, zeraman barku hura, zergatik ez gorde haientzat. Haiek lapurrak baitziren. Baina, hurrengo goizean barku bila jende asko etor zitekeen eta haiek non zeuden bilatu ere, beharbada bai. Beraz, lehengo lekuan utzi zuen lotuta. Eta bera lagunengana itzuli zen. Bidean atseden hartu zuen. Ze, joan etorria, igerian, busti eta abar... nekatua baitzegoen. Eguzkiak begietan min egin zion arte ez zen esnatu. Nonahi eta nolanahi lo egin zuen. Kanpamentura inguratu eta bi lagunen hizketaldia entzun zuen: —Ez da posible, Huck. Tom jatorra da eta bere hitza beteko du. Ez ezazu dudarik izan. Ez gaitu salduko. Hori itsaslapur batentzat okerkeria gehiegia izango litzateke. Zerbait egiteko edukiko zuen eta horretara joango zen. Orain, zer egin behar zuen, nik hori ez dakit. Berari galdetu beharko diogu itzultzen denean. —Beraz, gauza guzti hauek gu bionak dira orain ez da? —Ia, ia, baina oraindik ez. Liburuak dioenez, hamaiketako etortzen ez bada, bai. Bestela ez. —Hemen nago, bada —esan zien Tomek sasi artetik salto bat emanaz—. Hamar minututan arrain eta urdaiekin hamaiketako majo bat prestatu zuten. Baita laster irentsi ere. Tomek bere abenturaren berri eman zien. Dena esajeratu zuen, nola ez ? Gero Tom, berriro lotara joan zen. Beste bi itsaslapurrak basoan sartu ziren ibiltzera eta arrantza egitera. XVI. TABAKOAREN ATSEGINA. LABANA GALDU Bazkalondoan koadrila guztia dortoka arrautza bila joan zen hondar muino ingurura. Makila batzuk sartzen zituzten hondarpean. Leku bigunxeagoa izan balitz, hatzaparrekin zulatuko zuten, segurua baitzen han dortoka arrautza bikainak harrapatzea. Hirurogei edo horrela aurkitzen ziren batera, suerte pixka bat izanez gero. Borobilak eta zuri-zuriak ziren, intxaur bat adinakoak gutxi gora behera. Gau hartan berebiziko afaria egin zuten eta hurrengo goizean, ostirala hain zuzen, beste hainbateko gosaria. Gosalondoan uretara inguratu ziren. Tripa ondo beteaz gero, jolasti bihurtzen ziren. Eta hala, denak ur bazterrean, hondar muinoan eseri ziren gero uraren aurka igeri egin nahian. Beren artean elkarri bultzaka, nor lehenago eroriko. Ur parrastak botaz, nork lehenago kontrakoa itsutuko. Atzera berriro itzuli eta berriro, bizkarra emanaz eta eskuekin ur parrastak jaurtikiaz, barre algara batetan, elkarren ingurura iritsi arte. Gero han pilota bat eginaz, hirurak batean, beso, hanka eta abar uretara zilipurdika erortzen ziren. Hura zen gozamena, hura! Nekatzen baziren, hondarrean etzan eta atseden pixka bat hartuaz gero, atzera jolastera itzultzen ziren, lehengo jolas berdinera. Larru bizitan zeuden. Gero pentsatu zuten pailazo zirela. Hondarrean borobil bat eginik hirurak borobil horren barruan pailazokeriak egiten ihardun zuten, lehertu beharrean. Hurrena, beren poltsikoetatik kanika pilak atera zituzten eta haiekin jolastu ziren. Segidan uretan bainatu ziren Joe eta Huck. Tomek ordea ez zuen berriz sartu nahi. Hain zuzen, beti gerrian eraman ohi zuen suge kaskabel pila bat. Hark babes egiten omen zion. Eta hura gabe dardarak sentitzen omen zituen. Oraingo honetan, ez zuen dardararik sentitzen. Han aurkitu zuen zoko batetan. Orduan bai, jolastera itzuli zen. Baina besteak neka-neka eginda zeuden. Gero, bata eta bestea, elkarrengandik urrundu ziren. Haien hiru aurpegiak zein baino zein malenkonia gogorragoaren sinbolo huts ziren. Erreka bazterrera begirapen luze eta tristeak botatzen zituzten. Haren bukaeran zegoen herriraino. Han eguzkipean, bero zapaltzaile haren menpean zegoen erdi lotan beren herri maitea. Tom bera, konturatu gabe, hankako behatz lodiarekin zerbait idazten ari zen. Harrigarria: BECKY jartzen ari zen. Laster asko urratu zuen, beldurti eta koldar bat zela bere buruari esanaz. Baina berriro gauza bera egin zuen. Ezin, ba... Gero beste biengana itzuli zen. Joeren bihotza lur jota zegoen. Lan zaila, hura berpiztea. Hainbesteko herrimin eta etxemin hark, ez zuen erremediorik. Alferrik zen hura kontsolatzea. Eta Huck? Huck ere berdin. Tom, zer esanik ez, baina gehiena berak disimulatzen zuen. Sekretu bat bazuen esateko. Ez zuen azaldu nahi, baina eroaldi hark jarraitzen bazuen, esan beharrean aurkituko zen. Gero, pozez beterik balego bezala esaten du: —Esango nuke nik, irla honetan lehen ere izan direla piratak. Berriro esploratu behar dugu. Altxor ezkutuak egon behar dute hemen nahita ez. Zer iruditzen zaizue, kutxa handi bat urrez betea aurkituko bagenu? Baina, besteak ez ziren esaldi harekin gehiegi animatu. Beste bizpahiru asmakizun egin zituen. Baina ez zuen nahi bezalako ondoriorik lortu. Alferrik. Joe hondarretan eserita zegoen, makila punta batez han zerbait marrazten, aurpegia goibel. —Bueno, mutilak —esaten du—, utz dezagun irla hau. Aspertu naiz. Etxera noa ni. Hemen hain bakarrik ezin dut etsi... —Joe, egon lasai —erantzuten dio Tomek—. Normala da alde batetik triste egotea. Baina pasako zaizu. Egon lasai. Gogora ezazu hemen arrantza zein ondo egiten dugun. —Eta zer inporta zait niri arrantza. Nik nahi dudana etxera joatea da. —Baina, Joe, non aurkituko dugu leku hobea edozein gauzatarako? —Ez zait axola. Bainatzea ere piper bat inporta zait inork atzetik debekatzen ez badit. Erabakia daukat. Etxera noa. —Hago isilik, titikume hori! Amatxoren halako beharra al duk? —Bai, amaren beharra diat. Eta hik ere ama izango bahu, bera gertatuko litzaiake... Zozo alaena. Hi ere bahaiz ni adinako titikumea. —Beno, beno, utz dezagun umetxo negartia amaren magalera joaten. Ez da hala, Huck? Bere amatxo ikusi behar du. Ooooo! Ikus dezala, joan dadila. Gu hemen geratuko gara, ez da hala, Huck? Huckek “baai!” esan zion. Baina batere gogorik gabe. —Ez diat bizi naizen artean muturrera begiratu ere egingo —esan zion Joek Tomi—. —Ez zait asko axola. Ez naiz horregatik hilko. A ze itsaslapurra! Huck eta ni ez gara hain negartiak. E, Huck? Ospa, ospa, alde nahi duanean. Hi gabe ere pasako ahal gaituk, noski. Esanak esan arren, Tom kezkaz beterik jarri zen, Joeren erabakia benetakoa zela ikusi zuenean. Janzten ari zen. Huck ere hari begira zegoen. Isilik eta begietan inbidia gogorra nabari zitzaiola. Erne, gero. Hark ere alde egin nahi ote zuen? Azkenik, Joe, beste hitzik esan gabe errekara abiatu zen. Paso bat zegoen eta harantz abiatu zen. Tom bera ere biguntzen hasi zen. Hucki begiratu zion. Honek ere, era berean, begiak zuzendu zizkion. Tomenekin gurutzatu zirenean, jaitsi beharra izan zuen. —Ni ere banoa Tom —esaten dio bat-batean—. Hau bakartiegia da. Eta hemendik aurrera oraindik ere okerragoa izango da. Goazen gu ere Tom. —Ez, ba, ni ez. Zoazte nahi baduzue. Ni hemen gelditzen naiz. —Tom, ba nik nahiago nuke joatea. —Hoa, ba, nork debekatzen dik joatea? Eta Huck bere jantziak biltzen hasi zen. Geroxeago: —Tom, zergatik ez zatoz gurekin? Erabaki ezazu. Urertzean zure zain egongo gara. —Alferrik. Nekatuko egingo zarete. Ez egon nire zain. Huck ere abiatu zen. Aurrera eta triste. Tom atzetik begira. Hain harroa ez balitz bera ere atzetik joango zitzaien. Baina... Une batetik bestera biak gelditu eta atzera itzuliko ziren. Baina pausoan aurrera eta aurrera segitzen zuten. Orduan konturatu zen zein bakarti gelditzen zen han. Bere harrokeriari uko eginik, lagunen atzetik abiatu zen oihuka: —Itxoin, itxoin. Gauzatxo bat esan nahi dizuet... Joe eta Huck gelditu egin ziren. Tom inguratu zitzaien eta esan ere bai barruan zeraman sekretua. Aurrena gogo txarrez entzun zioten. Baina gero, pozez algaraka hasi ziren, hain ideia ona iruditu baitzitzaien Tomen asmoa. Oihuka eta pozez, atzera itzuli ziren berriro. Lehenago jakin izan balute, ez omen ziren abiatuko, hala zioten. Bi mutilak harrituta zeuden. Hain bizkorra eta hain bikaina baitzen Tomen burutazioa. Gero pozez beterik eguneroko bizitzari ekin zioten. Arrainak eta arrautzak jan zituzten. Hurrena Tomek erretzen ikasi nahi zuela azaldu zuen. Joek ere bai. Beraz, Huckek bazuen zeregina bi tunante haiei tabakoa erretzen erakusten. Hasi zen pipak egiten guztientzat. Lehendik erre bazuten, arta bizarrez egindako zigarroak besterik ez zen izan. Erdi etzanda ukalondoan kokatuta hasi ziren kexada borobil eta sendoak botatzen. Ke haren gustua ez zen hain ona baina Tomek esaten du: —Erraza da hauxe gero! Hain erraza ere. Jakin izan banu aspaldi ikasiko nuen erretzen. —Bai nik ere —Joek—. Hau ez da ezer. —Askotan egon naiz jendeari begira eta haiek bezala erretzea gustatuko litzaidakeela esaten. Baina ez nuen uste egin nezakeenik, —zioen Tomek—. —Hori bera gertatzen zitzaidan niri ere, ez da Huck? Zuk lehendik entzuna didazu zenbat gustatuko litzaidakeen erretzea. —Bai, bai, askotan esaten zenuen —erantzun zion Huckek—. —Bai nik ere. Behin hiltokian, oroitzen zara? —Bai, bai, oroitzen naiz. Egun hartan, gainera nik kanika bat galdu nuen. Ez, edo itxoin, egun bat lehenago. —Uste dut egun guztian ere egongo nintzatekeela pipa honetatik erretzen —esaten du Joek—. Ez naiz batere mareatzen. —Ezta ni ere —Tomek—. Nik ere egun guztia eutsiko nioke erre eta erre. Baina ez noski Jeff Thatcherrek. —Hura zoroa da, mutil. Bi zurrupaldi aski lituzke, mareatzeko eta. Ergeltxoa da. Eta gauza bera Johnny Millerri, eta besteei. —Gustatuko litzaidake Johnny Miller erretzen ikustea. Ez litzateke hastera ere iritsiko. Usaia bera ere aski luke mareatzeko. —O! zenbat poztuko nintzatekeen mutilek gu hemen ikusiko bagintuzte. —Baita ni ere. —Bueno mutilak, tratu bat egingo dugu —esaten du Tomek—. Egunen batean mutil pila aurrean dagoenean, nik zuri Joe, esango dizut: —Ba al duzu tabako eta piparik. Erre nahi nuke eta. Zuk orduan, gauzari garrantzirik eman gabe, zera erantzungo didazu: —Ba... ez dakit ba... beno hemen du nire pipa zaharra. Eta beste bat badut hemen. Baina tabakoa txarra eta fuerteegia. Orduan zuk bi pipak aterako dituzu. Ikusiko duzu zer aurpegi jartzen duten...! —Arranopola, hura izango da ona! —Orduan esango diegu, itsaslapur izan ginenean ikasi genuela. —Arraio... haiek pasako dute inbidia. Eta horrela jarraitu zuten aurrera eta aurrera. Geroago elkarrizketak zentzua galdu zuen. Isiluneak luzatu egin ziren. aharrausiak gero eta ugariagoak ikusten ziren. Beren masailak gorritu eta goritu ziren. Izerdi patsetan zeuden. Begi eta sudurretatik, ur edo malko, isurkia erortzen zitzaien. Gero kolorea zurbildu zitzaien, zeharo erori arte. Joeren pipa eskuartetik erori zen. Tomena ere berdin. Geroxeago esaten du Joek: —Nire labana galdu dut. Hobe izango dut bilatzen saiatzea. Eta Tomek erantzuten dio indarrik gabe eta dardarez: —Nik lagunduko dizut. Zu hortik joan eta nik iturri ondoan begiratuko dut. Zu hor gelditu Huck. Gu nahiko gara aurkitzeko. Eseri zen Huck eta han egon zen zain ordubete eta gehiago ere. Aspertu zen bakarrik egonez eta lagun bila abiatu zen. Han aurkitu zituen basoan, bat hemen eta bestea han, elkarrengandik oso urruti, kolore txuri-txuriz, biak lotan, enbor zaharrak baino trinkoago. Bistan zegoen, tabakoarekin zeharo mareatu ziren. Baina barruko minak bota zituzten zirudienez. Zeren… inguruan botakiak ikusten baitziren. Tripa huste galanta egin zuten haiek. Gauean afaltzerakoan, elkarrizketa gozoan egon ziren. Ez zuten harrokeriarik egiteko gogorik sentitzen. Afalondoan, Huckek bere pipa prestatu eta besteena ere jartzeko prest zegoen. Biak ordea, ez zutela nahika hasi ziren, eguerdian jandako zerbaitek gaitz egin ziela eta. Gauerdian Joe larrituta esnatu zen. Zerbaitek agindu zion inguruan zerbait gertatzen zela. Jaikiarazi zituen bere lagunak. Hiruak sutondoan pilatu ziren, zer ote zitekeen elkarri begira. Guztia ilunetan zegoen. Une batean argiune bat sortu zen, inguruko sasi eta sastrakak ikusarazterainokoa. Gero, berriz iluntasuna nagusitu zen. Baina geroxeago beste bat sortu zen. Eta hurrena beste bat ere bai. Une batean oihu moteldu negarti bat entzun zuten. Gero ezerez. Hiru mutilak bil-bil eginda oilo ipurdia zutela. Zer ote zen hura...? Ziur aski iluntasunaren espiritua izan zen oihu motel hura bota zuena. Une bat isilik berriro. Orduan tximista ikaragarri batek guztia argitu zuen, gau hura egun bihurtu arte. Belarrak ere ondo ikusi ahal izan ziren. Egunez bezala. Hiru aurpegi ere azaldu ziren, zein baino zein beldurtuagoak. Geroxeago, trumoi zaratots ikaragarria galdu zen urrutiko mendietan. Haize bolada zorrotz batek ebaki zituen hurrena bazterrak. Supazterreko hauts guztiak harrotu ziren. Hostoak ere dir-dir egin zuten elkarren kontra. Handik hamabost segundora beste tximista ikaragarri bat eta atzetik lehen baino zaratots handiagoa sortu zen bazterretan. Bazirudien buru gainean zeuden zuhaitz haien adar guztiak gainera zetozkiela. Kezkatu ziren larritzeraino, bata bestearen kontra. Berehala euri tanta lodi lodiak hasi ziren adar eta hosto tartetik. —Hala mutilak, goazen azkar kanpamendura —esaten du Tomek—. Ilunetan zuhaitz zainekin estropezuka, abiatu ziren izu-izu eginda. Bakoitza bere aldetik ahal zuen eran. Haize amorratu batek zuhaitz adarren tartean igarotzean txistu triste eta beldurgarria ateratzen zuen. Tximista bizkorrak eta atzetik trumoi latzak. Euri zaparrada gogorra hasi zuen. Haizeak alde guztietara zabaltzen zuen indar biziz. Mutilak oihuka zihoazen elkarren deika, baina ekaitzaren gogorrak eta trumoiaren zaratak, ez zien ezer entzuten uzten. Azkenean iritsi ziren oihal dendara, hotzez, bustita, beldurtuta, alderdi guztietatik ura zeriela. Baina halako une gogor batean elkarrekin egoteak poz handia ematen zien. Ezin zuten hitz egin, ze denda eskas haren oihala ere haserre gorrian mugitzen baitzen. Ekaitza gero eta gogorragoa. Azkenik zeuzkan sokak eten zizkion eta han joan zen oihal denda, zuhaitz baten kontra. Gero, norabiderik gabe, basoan barna galdu zen haize kolpe tartean. Hiru mutilak eskuak loturik, beste babes bila abiatu ziren. Han inguru samarrean, itsasbazterrean bazegoen zuhaitz trinko bat. Haren aterpean egon zitezkeen nolabait ekaitza amaitu arte. Borroka une larrienetan zegoen. Goian tximista trumoiek, zeuzkaten su, txingar, zaratak bota zituzten lur zigortuaren kontra. Lurreko mendi zuhaitz landareak, fantasmak bezala agertzen ziren su haren artean. Itzalik gabeko fantasmak bezala: zuhaitz asko okertuak, erreka irakiten eta ura eta bitsa zeriola, itsasbazterreko arrokak ur printza eta abar zeriela. Noizbehinka, baso barnean zuhaitzen bat edo beste erortzen zen, ikaragarrizko zarata ateraz. Ekaitza bukatu zen nolabait. Bukaera izan zuen gogorrena. Bazirudien ez zuela ezer bizirik eta zutik utziko. Gau txarra hura, aterpe gabeko hiru mutilentzat. Baina, azkenean, ekaitza baretu zen eta bukatu zen borroka zoritxarreko hura. Zeruko indar haserretuak mehatxuka alde egin zuten. Baina gero eta ahulago. Azkenean berriro bakea nagusitu zen irla hartaz. Hiru mutilak kanpamendura itzuli ziren. Dena hondatua zegoen. Ezer ez bere lekuan, guztia uretan pats, alderik alde sakabanatua. Ez ziren berez oso ordenatuak, baina han bazegoen lanik asko, barreiatutako gauzak jasotzen. Sutan bertan ere ura besterik ez zegoen. Erraz etorri ziren irla hartara. Pentsatu ere ez euririk egin behar zuenik, eta are eta gutxiago era hartan. Beraz, ez zeuden prestatuak halako ekaitz batean defendatzeko. Bazuten zertaz kexa. Hotz dardarka baitzeuden. Baina, sua ez zegoen zeharo itzalia. Hantxe, hautsaren azpian, itzalitako enborren azpian, oraindik ere txingarra piztua aurkitu zuten. Hura bai gozotasuna. Oraindik ere bazuten esperantza pixka bat. Ahalegina eginik, inguruko adar eta adaska, zotzak bildurik indar eman zioten su hari. Gero gainean adar lodiak ipini zizkioten. Berehala su eder bat egin ahal izan zuten. Eta berreskuratu zuten lehen galdu samar zuten itxaropena. Urdaiazpikoa lehortu zuten. Berriro ere bapo jan. Hura izan zen une larria igaro zutena! Oraindik ere bazegoen han txoko lehor bat eta hantxe pasa zituzten gau hartako orduak. Eguzkia eder eta bikain sortu zen zeruan. Haren epelak logalea sortu zien hiru mutilei. Hondarreraino joan ziren etzateko asmoz. Aurretik gosaria prestatu ere egin beharko zen eta... Hura janda gero, berriro logalea sentitu zuten, hezurrak gogortuak, eta etxera itzultzeko irriki bizia. Tomek hango gorabehera ikusi, eta nahiko lan izan zuen pirata haiek animatzen. Baina haiei ez zitzaien ezer axola: ez kanikak, ez zirkoak, eta uretako bainuak ere. Etxe mina berriro! Tomek bezperako sekretu hura gogorazi zien. Eta orduan zerbait suspertu zitzaizkigun. Gero, gauza borobiltzeko, beste ideia bat izan zuen: ordutik aurrera ez ziren ia itsaslapur izango. Indioak izango ziren. Guztiei ideia ona iruditu zitzaien. Larru bizi jarri ziren, bere gorputza mila margoz pintatu zuten, eta uluka, baso barnean sartu ziren. Hiruak ziren, tribu buru. Inork ez zuen indio huts izan nahi. Lehenengo eginkizuna, ingelesen herri bat erasotzea izango zen. Gero, ordea, banatu, eta elkarren etsai balira bezala ibili ziren, nork gehiago, nork buila zorrotzagoak bota. Elkarri geziak jaurtikiaz. Inguratu eta iletatik tiraka. Denetik egin zuten. Gau aldera sutondora inguratu ziren afaltzeko asmoz. Nekatuak eta gosetuak, baina oso pozik. Baina bazegoen han zailtasun bat. Egun hartan indioak izan ziren eta elkarren etsaiak. Eta indioen ohiturari jarraituz, elkarrekin jan baino lehen, bakea egin behar zen. Eta horretarako “bakearen pipa” erre. Beste biderik ez zuten ezagutzen. Hirutik bik nahiago zuten orduan berriro itsaslapur izan. Baina alferrik. Disimulatu eta pipa erretzea besterik ez zitzaien gelditu. Eskuz esku pasa zuten pipa, zeinek baino zeinek ke ahokada handiagoa botaz. Eta hara, gau hartan pipa erreta gero ere, ez ziren mareatu. Ez zuten galdutako labanaren bila joan beharrik izan. Benetan pozik zeuden. Ikusten zenez, ikasi berria zuten pipa erretzen. XVII. ITSASLAPURRAK BEREN HILETETAN AZALTZEN Larunbat arratsalde hartan herria triste zegoen. Hain triste ere. Harper sendia eta izeba Pollyrena, oraindik ere tristeago. Guztia beltzez janzten ari ziren. Herri barruan halakoxe bake arraro bat senti zitekeen. Beti baketsua izanik ere egun hartako bake hark bazuen berezitasunik ugari. Umeak ere ez zuten beren jokoetan pozik aurkitzen. Becky Thatcher ere triste zegoen. Eskolako pasealekuan. Bakar bakarrik. Ez zuen kontsola zezakeenik ezer aurkitzen. Bakarka hizketan ari zen: —Ai, gutxienez ordulariaren letoizko orratz hura banu. Baina ez daukat ezertxo ere. Oroigarri bat ere ez dut bererik. Negar zotin bat atera zitzaion. Eta gero: —Hementxe bertan izan zen, bai. Ez nituen hitz haiek esan behar. Orain badakit zenbateko mina eman zioten. Baina orain alferrik da. Orain alferrik da. Gehiago ez dut ikusiko. Negar malko artean alde egin zuen leku hartatik. Geroxeago inguru hartara Tom eta Joeren lagunak inguratu ziren. Guztiek zuten zer esan ugari. Bi mutil haien azio guztiak gogoan zituzten. Zer egiten zuten eta zer ez. Dena miragarria zen. Haiek lehen egindako guztia miragarria. Zer gauzak esaten zituzten. Guztia seinalez betea. Eta hori gertatu zenean, beraiek han zeuden. Bakoitzak zein lekutan zegoen adierazten zuen: “Hori esan zuenean ni hementxe bertan nengoen... Baina ez nuen pentsatu hura ziotenean halako esanahia eraman zezakeenik barruan. Baina orain guztia garbi dago. Ikusia dago”. Gero beren artean erretolika asko egon ziren, nork ikusi ote zituen biak azkeneko aldiz bizirik. Batek berak zioen, besteak berak. Hori gauza handia iruditzen zitzaien. Bakoitzak bere frogak botatzen zituen. Lekuko eta guzti. Azkenean erabaki zuten haien artean zein izan zen haiek azkeneko aldiz ikusi zituena. Hiru haientzat bereizte berezi bat iruditu zitzaien. Bazen mukizu bat haien artean, zer esan ez zekiena eta zera bota zuen: —Behin Tom Sawyerrek sekulako egurra eman zidan. Baina gauza horri ez zioten garrantzirik eman. Ze han zeuden gehienek probatu baitzituzten Tomen makilakadak, ukabilkadak. Gero haiek ere alde egin zuten handik, triste eta goibel, akelarretik itzulitako sorginak balira bezala. Hurrengo egunaren goiza, igande goiza; eliz dorreko kanpaiak hil ezkilak jo zituen. Beste igandeetan haien hotsa alaia izan ohi zen. Herri guztiari dei egiten zion elizara, kristau komunitatea elkartzera. Gaurko honetan, alaitasuna falta zen. Hil ezkila herriko tristurarekin bat zetorren. Jendearen isiltasuna eta kopeta iluna ez zen nolanahikoa. Eliz sarreran, jendea erdi murmurioka sartzen bazen ere, eliz barruan ez zen txintik ere entzuten. Jendea sartzen zenean, arropak bazterrak edo aulkiak ukitzean sortzen zuen murmurra. Inoiz ez omen zen eliza hura hainbeste bete. Une batean hala ere jendea ohartu zen zerbaitez. Jendea atzera begira zegoen. Izeba Polly sartu zen, Sid eta Maryrekin. Gero haien atzetik Harperren familia guztia. Guztiak beltzez jantzirik. Aldare aurrean gelditu ziren zutik, apaizarekin batera. Etxekoak eseri zirenean beste guztiek ere gauza bera egin zuten. Beste isilune luze bat egin zen. Noizbehinka negar zotin bat, noizbehinka intziri luze bat. Gero apaizak, besoak zabaldu eta halakoxe abesti urragarri bat kantatu zuen: “Ni naiz berpizkundea eta bizitza”. Apaizak, sermoi garaia etorri zenean mutilen gain hitz egin zuen. Zer esan zituen ere ezin dira denak aipatu. Haiek ziren mutilak. Ezin hobeak. Zein trebeak, zein alaiak, zer gatza zuten, bihurri samarrak, baina zein barru ona... Dena ezin daiteke hemen esan. Jende guztia hunkituta zegoen, zere beren artean zeudenean bi mutilek, haien kontra marmarioka aritzen baitziren beti, gaiztoagorik ez zegoela esanaz. Apaizak kasu bereziak bota zituen. Hain zuzen mutil haiekin gertaturiko gorabehera batzuk. Jendeari hainbesteko grazia egin zien, ze han bizi ziren artean, gaizto samarrak izan arren, inguruan zeuden mutil bizkorrenak eta sanoenak zirela pentsatu zuten. Azkenean, sermoi hura hunkigarri hain hunkigarria izan zen, zeren eliztar guztiak negar batean jarri baitziren. Apaizak berak ezin izan zituen negar malkoak disimulatu. Barrengo galerietan, halakoxe kras hotsa entzun zen. Jendea ez zen ohartu, ordea; une bat geroago eliz ateek kirrinka egin zuten, ate orpo herdoilduetan. Jaso zituen apaizak bere begi bustiak, eta tximistak jo balu bezala, hara begira geratu zen. Gero sakristauak gauza berbera egin zuen. Jendea ohartu zen. Eta tximistaren adarrak kolpean jo izan balitu bezala, denak atzera begiratu zuten. Han zetozen hiru mutilak pasilloan aurrera. Tom aurretik, Joe hurrena, Huck atzean, zarpazaharrez jantzita, erdi lotsatuta. Galerian ezkutaturik egon ziren une egokiaren zain. Handik entzun zuten beren hiletako sermoi hunkigarria. Izeba Polly, Mary eta Harper sendikoak altxa ziren, eta intziri batean bere ume berpiztuak besarkatu eta malkotan busti zituzten. Huckek ez zekien non gorde. Ez baitzuen familiarik. Edota baldin bazuen, bera bezain arloteak baitziren. Beraz, atzera jo zuen aldegiteko asmoz. Tomek ordea, besotik heldurik zera esaten dio: —Izeba Polly, honetarako ez dago eskubiderik. Ez al da inor pozten Huck ere etorri delako, ala? Norbaitek alaitu behar du Huck gure laguna azaldu delako. —Horixe baietz, horixe baietz! Ni asko pozten naiz! Eta besarkada kutun bat eman zion. Akaso, aspaldian hartu ez zuen bezain maitekorra. Han sortu zen algara eta zarata baretu zenean, apaizak, emozio eutsiezin batez, zera esaten du: —Goratua izan bedi Jaungoikoa, beregandik baitatorkigu onespen guztia! Abestu, abestu dezagun bihotz guztiaz. Guztiek gogoz abestu zuten. Garaipen bat izan baitzen hura. Eliza guztia dar-dar batean zegoen. Tom bere eskola lagunei lepoa okertuta zegoen. Ze bera baitzen hango pertsonaiarik nagusiena, eta guztiek inbidiaz begiratzen zioten. Elizatik irten zirenean, jendea konturatu zen engainua ere izan zela tartean. Baina, jendeak erraz ahazten ditu gauza hauek. Hain gogoz abestu zuten elizan, hain une biziak bizi izan zituzten, ze engainuak bazuen zentzu bat une hartan. Tomek egun hartan, urte guztian baino musu gehiago hartu zituen, bere bi masailetan, kopetan, nonahi. Izeba Pollyk emanak. Musu haiek bi alderdi adierazi nahi zituzten: bata, Jainkoari esker ona, azaldu zelako, eta bi, berarekiko sentitzen zuen maitasun bizia.
AURKIBIDEA ABENTURA IKARAGARRIA AIREAN HARTZ MUTUR SOILAK PIRATAK NOLA UXATU IBAIAREN BAZTERRETAN YOKOHAMAKO PORTUAN CHRIS FARRINGTON, MARINELIAIOA ISILEKO EHIZTARIAREN HONDAMENDIA ABENTURA IKARAGARRIA AIREAN Ni kapitain erretiratua nauzu, goiko itsasoan ibilia. Gazte denboran aeronauta izan nintzen, eta geure gainean dugun itsasoan barrena ibili nintzen nabigatzen. Arrisku handiak ditu lanbide honek eta niri ere tokatu zait latzak pasatu beharra. Hala ere, pasadizorik ikaragarriena orain kontatzera noan hauxe da. Hidrogenozko globoekin hasi baino lehen gertatu zitzaidan. Garai hartan Nassau Txikia zeritzan aerostatoan egiten nituen nire hegaldiak. Aparailu handi samarra zen eta aire beroaren indarrez ibiltzen zen. Ordu batzuk besterik ez zuen irauten hegan eta mila bat baino gorago ez zen igotzen. Hala ere, aski zen nire lanerako, zeren jausgailu batean saltoak egiten ibiltzen bainintzen jolastoki eta ferietan, beti ere mila-erdi bateko alturatik behera. Uda hartan Oaklanden nengoen, Kaliforniako hiri batean, tranbia konpainia batekin kontratua egina bainuen. Konpainiak parke handi bat zuen hiritik kanpo eta, normala denez, ikuskizun bitxiak antolatzea komeni zitzaion, jendea bere lineatik ibil zedin. Astean bi igoaldi egin behar nituen,eta nire lana oso ikusgarria zen benetan garai hartako jendea entretenitzeko. Lehenik, jausgailuetan salto egiteko aerostato haiek nolakoak ziren azalduko dizut, gertatu zitzaidana hobeki uler dezazun. Noizbait ikusi baduzu jakingo duzu nola jausgailuak berehala alde egiten zuen globotik. Hau, berriz, buelta bat emanez, hustu egiten zen, eta azkar erori ere bai, jausgailua lurrera bidean ipintzen zuelarik. Maniobra hau hobeki egiteko, zama bat ipintzen zitzaion aerostatoari goiko partean, soka luze bati lotuta. Aeronauta globoaren azpialdean egoten zen zintzilik, jausgailua eta trapezioarekin batera, eta pisu gehiago zuenez, orekan mantentzen zuen globoa. Baina gizona askatzen zenean, aparailuaren gainaldean lotutako zamak buelta erdia emanarazten zion eta globoaren ahoa gora begira gelditzen zen, aire beroa kanpora joaten zelarik. Zeregin honetarako hondar-zaku bat erabiltzen genuen Nassau Txikian. Egun hartan jendetza handia zen leku hartan eta polizia larri zebilen, ezin eutsirik. Ikusleak elkarri bultzaka zebiltzan, gizon, emakume eta haur. Janzten nintzen gelatik irten nintzenean, hamalau eta hamasei urteko bi neskatila ikusi nituen jendeari eusteko sokatik kanpo. Harrituta geratu nintzen. Zortzi edo bederatzi urteko mutiko batekin indarka ari ziren. Mutikoa sokatik beste aldera zegoen eta handik kanpora atera nahi zuen eginahalean. Bi neskatilek, ordea, ez zioten uzten eta eskuetatik hartuta zeukaten. Une hartan ez nien jaramon handirik egin, ume jolasak zirelakoan. Baina gero gertatu zena ikusi ondoren, zirrara bizia egin zidan gertaera hark. — George, eutsi jendeari urruti samar — esan nion nire laguntzaileari —. Bestela ezbeharren bat izango dugu hemen. — Oraintxe noa — erantzun zuen berak. George Guppy lagun handia nuen. Igoaldi askotan lagundu zidan eta beraren odol hotza, zentzua eta lasaitasuna ikusirik, nire bizia haren eskutan jartzen nuen, uste osoz. Globoa nola puzten zen begiratu behar zuen berak, eta jausigailuaren gauza guztiak bere puntuan zeuden ikusi behar zuen. Nassau Txikia puztuta zegoen eta kableak tenk eginda. Jausgailua lurrean etzana zegoen eta harantzago trapezioa. Bota nuen berokia alde batera, jarri nintzen nire lekuan eta askatzeko seinalea eman nuen. Dakizunez, globoak astinaldi gogor bat ematen du hasieran, lurra uzten duenean. Oraingoan, ordea, egundoko balantza egin zuen, eta bestetan baino gehiago kosta zitzaion zuzen jartzea. Begirada bat bota nuen behera, gero eta urrunago geratzen ari zen lurraldera. Milaka lagun zeuden isilik eta gora begira. Isiltasun hura oso bitxia iruditu zitzaidan, zeren arnasa hartu eta txaloka hasteko garaia baitzen. Baina ez zen deus entzuten, ez txalorik, ez txisturik, ez bestelako hotsik... dena isiltasuna. Alabaina, Georgeren ahotsa iritsi zen niregana argi eta garbi, turutaren bitartez: — Jaitsi, Charley, jaitsi globoa. Zer gertatzen zen? Eskuaz adierazi nion entzun nuela berak esana eta pentsatzen jarri nintzen ea matxuraren bat ote zegoen jausgailuan. Izan ere, zertarako jaitsi behar nuen globoa, jende pila hark espero zuen saltoa egin beharrean? Eta burutazio hauetan nenbilela, beste susto bat izan nuen. Lurra mila oinetara zegoen nire azpian, eta, hala ere, haur baten negarra entzuten nuen, oso hurbil bezala. Nassau Txikia suziri bat bezala zerurantz zihoan arren, negar-hotsa ez zen isiltzen. Egia esan, larritzen hasia nintzen eta, halako batean, gora begiratu nuen negar hura nondik ote zetorren jakiteko. Hara, haur bat ikusi nuen bertan, Nassau Txikia lurrera garraiatu behar zuen hondar-zakuaren gainean. neskatila haiekin borrokan ikusi nuen mutikoa bera zen. Gero jakin nuen anaia-arrebak zirela. Hantxe zegoen hondar-zakuaren gainean zankalatraba, erabat izututa eta sokari gogor heltzen ziola. Haizeak alde batera eragin zion globoari eta mutikoa hegaz joan zen airean hamar edo hamabi oin. Globoaren lonari kolpe handia eman zion erortzean eta ni neu ere balantzaka hasi nintzen, nahiz eta hogeita hamar bat oin beherago egon. Lurrera eroriko zela uste nuen, baina sokari heldu zion berriro eta negarrez hasi zen. Gero jakin nuenez, globoa abiatzeko zegoela, mutikoak ihes egin zien bere bi arrebei, eta sokaren azpian kuzkurtu zen, gero hondar-zakuaren gainera salto eginez. Ez dakit nola ez zen erori globotik lehenengo astinaldian bertan.Haurra ikustean, ezinegon bitxi bat sentitu nuen. Orduan ulertu nuen zergatik aerostatoa hain nekez zuzendu zen, eta zergatik Georgek berriro jaisteko eskatzen zidan. Jausgailua askatzen bazen, zakuak buelta emango zuen berehala, globoa hustu egingo zen eta lurrera abiatuko zen agudo. Itxaropen bakarra umea jaistea zen, erori baino lehen. Nola iritsi, ordea, umearengana? Niri erabat ezinezko zitzaidan. Jausgailua itxita zegoen eta globora igotzerik ez zegoen. Gainera, zer aurreratuko nuen horrenbestez? Haurra hamabost oinetara zegoen, aire zabalean eta euskarri ziztrin baten gainean. Hau dena amen batean pentsatu nuen. Lehenik, mutiko hura lasaitu behar zen, arrisku hura gogotik kenduz. Horregatik, ezer gertatuko ez balitz bezala, agurtu egin nuen alaikiro: — E, mutiko, zer moduz gabiltza? Niri begiratu zidan, negar-malkoei eutsiz eta adore berriak hartuz. Baina une hartantxe, haize bolada batek astindu zuen globoa, buelta erdia emanaraziz. Berehala itzuli zen lehengo posiziora. Astinaldi honetan, mutikoak beste kolpe bat hartu zuen lonaren kontra eta berriro negarrari eman zion. — Polita da hau dena, ezta? — galdetu nion bihotzez, jolasean bagenbiltza bezala. Eta berak erantzun baino lehen, esan nion: — Nola duzu izena? — Tommy Dermott erantzun zidan. — Urte askotarako, Tommy Dermott — jarraitu nuen —. Baina nork esan zizun nirekin batera ontzi honetara igotzeko? Barre egin zuen eta apeta hutsez bururatu zitzaiola esan zidan. Horrela jarraitu genuen hizketan, ni beldurrez josita eta solasa nola luzatu ez nekiela. Egia esan, ezin nuen besterik egin, baina koska guzia horretantxe zegoen: beraren pentsamendua arriskutik aldentzean. Gure inguruan eta azpian ageri zen ikusmira ederra seinalatu nion. Han zeuden San Franciscoko badia, laku zabal eta bare baten antzera; hiria estaltzen zuen kezko hodeia, Urrezko Atea, urrunean itsasoa eta, jaun eta jabe gisa, Tamalpais mendia, zorrotz eta lirain. Behean, gure azpian, lurrean arrastaka zebilen zerbait sumatu nuen. Banekien eskarmentuz zer ziren: zaldiz zebiltzan gizonak, lauoinka guri segika. Aspertu zen mutikoa ingurumarira begiratzen eta berehala konturatu nintzen berriro izutzen hasi zela. — Zenbat kobratu nahi zenuke negozio honengatik? — galdegin nion. Segituan suspertu zen eta esan zidan: — Zuri ongi ordaintzen al dizute? Nassau Txikia hozten hasi zen eta lurrerako bidea hartu zuen, haize boladek batera eta bestera eragiten ziotela. Mutikoa ere balantzaka zebilen eta halako batean zakuaren kontra jo zuen. Ezpainak ikara bizitan zeuzkan eta negarrari eman zion berriro. Txantxetan eta barrezka hasi nintzen, baina alferrik. Lur jota zegoen eta laster eroriko zela uste nuen. Etsita nengoen, zer egin ez nekiela. Orduan bat-batean konturatu nintzen ikara batek beste bat kentzen duela, eta bekozko beltzez begiratu nion, deiadar eginez: — Heldu soka horri, mutil! Bestela jipoituko haut lurrera jaisten garenean. Ulertzen al duk? — Bai, jauna — esan zuen, eta horrenbestez nik nahi nuena egina zegoen. Niri begiratzen zidan eta lurrera erortzeak baino beldur gehiago ematen zion nire aurpegiak. — Badirudi min hartu duzula zaku horrekin — esan nion errietan bezala —. Ez dezazula pentsa eserleku honetan hobeto joaten denik. Oso gogorra da eta ez da batere atsegina gertatzen. Ateraldi xelebre bat egin zuen orduan, bide batez behatzetako oinazeak ahazten zitzaizkiolarik. — Noiz salto egin behar duzu? — galdegin zidan —. Hain zuzen, horixe ikustera igo naiz hona. Pena ematen zidan ezetza eman beharrak, eta ez nuela salto egin behar esan nionean, honela erantzun zidan: — Ba egunkariek hala diote. — Ez egin kasurik — erantzun nion —. Gaur nagi samar nago eta globoa lurreraino jaitsi behar dut, zeren nirea izanik, nahi dudana egin dezaket berarekin. Dena den, ia lurrean gara. Eta halaxe zen, oso azkar jaitsi baikinen. Orduan mutikoa eztabaidan hasi zen nirekin, hori jendeari iseka egitea ez ote zen esanez, eta denak nire kontra jarriko zirela adieraziz. Nire kontsolamendurako, eztabaida horretan jarraitu genuen luzaro, nik nire aldetik mila aitzaki asmatzen nituelarik. Azkenik, eukalipto baso baten gainean geunden, eta lurrartzeko prestatzen hasi ginen. — Heldu gogor! — esan nion oihuka —. Bien- bitartean, trapezioan balantzaka nenbilen, eskuetatik zintzilik jarrita, zutik lurrartzeko asmotan. Larrain baten gainetik pasa ginen, sokan lehortzen zeuden arropa batzuen gainetik ere bai, oilategi bateko oilaskoak izutu genituen, eta berriro goraka igo ginen belar-meta baten kontra ez joateko. Eta dena aitaren batean. Gero baratza batean lurrartu genuen, eta oinak lurrean jarri nituenean, globoa segurtatu nuen, trapezioarekin buelta pare bat emanez sagarrondo baten inguruan. Nire lanbidean gauza asko gertatu zait. Behin, airean nengoela, su hartu zidan globoak. Beste batean, hamar pisuko etxe baten teilatu-hegaletik zintzilik gelditu nintzen. Beste zenbaitetan, bala bat bezala jaitsi naiz lurrera, jausgailu behar bezain agudo irekitzen ez zelako. Baina sekula ez naiz oraingo honetan bezain nekatua eta ahuldua sentitu. Mutiko hura nire ondoan bizirik ikusi nuenean, honela esan nion, besotik helduta: — Tommy Dermott, magalean hartu eta egundoko jipoia eman behar dizut, mundua mundu denetik beste inongo mutikok hartu ez duena bezalakoa. — Ez, ez ezazu horrelakorik egin — erantzun zidan, alde egin nahian bezala —. Zeuk esan zenidan ez ninduzula joko, baldin eta globoaren gainean sendo irauten banuen. — Beno, bai — erantzun nion —; baina berdin-berdin joko zaitut horregatik. Globotan igotzen direnak jende gaizto eta makurrak dira eta irakaspen bat eman nahi dizut, horrelako jendearengandik eta globoetatik ihes egiten ikas dezazun. Eta orduan berealdiko jipoia eman nion. Ez dakit munduko handiena izango zen ala ez, baina berak hartua zuen handiena bai behintzat. Horrela lasaitu nintzen nolabait, zeren estualdi hark erabat jota utzi baininduen. Egun hartan kontratua hautsi nuen, eta geroztik gasezko globotan egiten ditut nire igoaldiak, zeren eta haiek askoz seguruagoak baitira. HARTZ MUTUR SOILAK — Hartzak aipatu ditugunez gero... Klondikeko erregea isilik eta pentsakor gelditu zen. Hoteleko atarian beraren inguruan zeudenak jarlekuak hartu eta hurbildu egin ziren. — Hartzak aipatu ditugunez gero — jarraitu zuen —, ez duzue ahaztu behar iparraldeko eskualdean mota asko dagoela animalia hauetatik. Esate baterako, Little Pelly inguruan hartz asko ibiltzen da uda partean, izokin bila jaitsita, eta hara joateko egun bateko bidea egin beharra dauka edozein indio edo gizon zurik. Rampart Mountains mendi-gailurretan, berriz, bada mota bitxi bat, “mendi-hegaletako hartz nabarra ” deritzana. Izen horren jatorria ere jakingarria da: Uholdeaz gero mendi-hegaletan dabil eta aldaparen behealdetik doazen hankak bi bider luzeagoak dira goikoen aldean. Horrela dabilenean, untxi batek ere ezin dezake harrapa. Arriskugarria ote den? Ezta pentsatu ere! Nahikoa da mendia beste norabidean inguratzea, eta orduan hartz jauna salduta gelditzen da, hanka luzeak goitik eta motzak behetik dituela. Oso animalia berezia da, baina ez nizuen horretaz hitz egin nahi. Yukon gainean bada beste mota bat hanka berdinak dituena. “Hartz nabarra eta mutur soila ” esaten diote, eta gaiztoa bezain handia da. Horregatik, ez duzu indiorik ikusiko ehiza horien bila. Gizon zuri tentelen bat, izatekotan ere. Gauza bat bakarra esango dizut hartz mutur soilari buruz: ez duela atzera egiten inoren aurrean. Zuregana datorrela ikusten baduzu, eta zeure bizia estimatzen baduzu, har ezazu beste bide bat. Bestela, edozer gauza gerta daiteke. Bidean Jehovah bera topatuko balu ere, ez pentsa baztertxo bat utziko liokeenik. Egia esateko, animalia ziztrin eta berekoi bat da. Baina garai hartan ez nekien nik haren berri. Herrialde hartara iritsi nintzenean, ezjakin hutsa nintzen hartz kontutan. Halako batean, lurralde hartan finkatu ginenean, mendira joan nintzen urki adar baten bila, aizkora-kirten bat egiteko. Ez zen erraza behar nuena aurkitzea, eta, ibili eta ibili, bi ordu egin nituen gutxienez bidean. Hala ere, ez nintzen asko estutu, zeren Forkietatik hurbil bainengoen, eta, besterik ezean, Joe Gee zaharrari eskatuko nion egur pusketaren bat. Abiatzerakoan urdai zati bat eta gozoki batzuk hartu nituen sakelan, goserik sentituta ere. Eta, egia esan, oso ongi etorri zitzaidan mokadu hura, nahiz eta neuk ez probatu. Bidean nindoala, pinu tarte batean, oso urki adar polita topatu nuen. Aizkorarentzat kirtena egin nuenean, mendi-hegalera begiratu nuen. Bere lau hanken gainean balantzaka, hartz izugarri bat zetorren niregana. Muturra soildua zuen, baina garai hartan nik ez nekien ezer hartz mota horretaz. — Orain susto bat eman behar zioat — esan nuen nire artean, eta zuhaitz artean ezkutatu nintzen. Zain egon nintzen hogei bat metrora etorri arte, eta orduan bat-batean irten nintzen nire ezkutalekutik. — Uuh, uuh! — oihu egin nion, izututa korrika hasiko zelakoan. Alde egin? Bai zera! Burua altxatu zuen niri ongi begiratzeko eta aurrera jarraitu zuen. — Madarikatu hori! — esan nuen nirekiko, erdi erotuta bezala —. Atzera eragingo diat, bai. Orduan aterkia astintzen eta oihuka hasi nintzen, berarengana nindoan bitartean. Haizeak botatako pinu bat zegoen bidean zeharka, traba egiten zuelarik. Zuhaitzaren ondoan geratu nintzen eta hartza aurrera zetorrela ikusi nuen, geratu gabe. Une hartan ikaratzen hasi nintzen eta enborraren gainetik saltatzeko altxa zenean, aiuma luze bat egin nuen, indio komantxe baten antzera, aterkia bota aurpegira eta ihesari eman nion. Alajaina! Buelta eman eta mendian behera hasi nintzen korrika, baina hartz zaharra atzetik zetorkidan, gero eta hurbilago. Mendi barrenean, zuhaizti batera iritsi baino lehen, zabal une bat ageri zen, behe-laino artean. Irrist egiten banuen, galdua nintzen. Horregatik, kasko uneak eta gaintxoak baliatzen nituen, lainoak nire arrastoak ezkutatu zituen arte. Animalia malapartatua, berriz, niri segika zetorren, puzka eta puzka. Halako batean, oinetakoaren orpoa ere ukitu zidan, hanka batekin. Une hartan gauza asko pasa ziren nire burutik. Banekien gainean nuela eta ez nintzela sekula arboladiraino iritsiko. Besterik gabe, poltsikoan neukan hamaiketakoa hartu eta bota egin nuen bertan. Ez nuen atzera begiratu arboladira iritsi arte. Eta atseginez eta pozez ikusi nuen nola hartza nire gozokiak eta urdaia jaten ari zen. Oso ongi iruditu zitzaidan, baina ez nuen planto egin bidean. Bizkor-bizkor abiatu nintzen berriro, baina bihurgune bat pasa ondoren, beste hartz bat azaldu zitzaidan, mutur soil eta soildua hura ere. — Uuf! — egin zuen, ni ikusi orduko. Buelta eman eta lehengo bidetik ekin nion korrikari, baina askoz azkarrago oraingoan. Amorru bizian segitzen zidan, lehengoak baino oldartsuago. Laster sumatu nuen bestea ere. Han zebilen usnaketan, nitaz galdezka bezala, hamaiketakoa bezain gozoa ote nintzen jakin nahian edo. Bai, alafede. Ni ikustean, pozik jarri zen eta saltoka niregana abiatu zen. — Uuf! — egin zuen. — Uuf! — bota zuen atzetik zetorrenak ere. Bidetik irten eta sastraka artean sartu nintzen, ero bat bezala, esku eta zangoez baliatuz. Orduan burua galdu nuen erabat, lurralde oso hura hartzez beterik zegoela pentsatuz. Oroitzen naiz nola ote batzuekin estropezu egin eta nola esku-zarta bat hartu nuen, gainera zerbait erortzen zitzaidan bitartean. Beste hartz bat! Baina, zorionez, libre eta seguru nintzen, hainbeste arrisku, kolpe eta susto pasa ondoren. — Ene Jesus! — irten zitzaidan, eta orduan konturatu nintzen gizon bat neukala aurrean, bera ere erabat harriturik. — Hartz bat zinela uste nuen — esan nion. Arnasa etorri arte egon zen eta gero esan zidan: — Halaxe uste nuen nik ere. Hari ere hartzen batek segitu zion nonbait eta otadian sartu zen ihesi. Hantxe topatu ginen, biok estropezuka. Hartan geundela, ikaragarrizko oihu bat entzun genuen bidean eta ospa egin genuen besterik gabe. Arratsaldean Joe Gee ikustera joan ginen, eta eskopetaz armaturik, goizeko tokira itzuli ginen, hango hartzak akabatzeko asmoz. Gezurra badirudi ere, leku hartara iritsi ginenean, bi animaliak hilak zeuden. Izan ere, nik ihes egin nuenean, bi hartzak suertatu ziren bidean, eta nola inork ez zion besteari pasorik eman nahi, elkar hil arte borrokatu ziren. Hartzak eta burugogorrak izaki! Hartzak aipatu ditugunez gero... PIRATAK NOLA UXATU – Ez, Bod, orain benetan ari naiz; ni berantegi jaioa naiz inondik ere. Ni ez naiz ongi moldatzen XX mende honetan. Aukeratzen utzi balidate... — Bai, orduan XVI mendean jaioko zinen zu — moztu nion barrezka —; alegia, Drake, Hawkins, Raleigh eta horrelako nabigatzaileen garaian. — Arrazoi duzu — baieztatu zuen Paul-ek. Gora begira etzan zen txopa aldean, nahigabezko zizpuru bat eginez. Gauerdia pasa berria zen eta haizeak txopa aldetik jotzen zuela, Lower San Francisco itsas golkotik Farm Island golkora gindoazen.Paul Fairfax eta biok eskolan elkarrekin ibiliak ginen. Gainera, auzoak ginen eta oso lagun onak. Diru pixka bat irabazi eta aurreratuz, eta apeta batzuk alde batera utziz, itsasontzi txiki bat erosteko sosak bildu genituen. Hogeita zortzi oineko balandra koskor bat zen, Mist izenekoa, gabia txiki bat eta gila mugikorra zuena. Paul-en aitak bazuen yate bat eta bera ibili zen, harat eta honat, guretzako moduko ontzi baten bila. Egia esateko, Paul eta biok beraren goletan — Whim izenekoa — ibiliaren poderioz trebatu ginen ontzi kontuan, eta orain, Mist delakoaren jabe ginelarik, gure eskarmentua borobilagoa izango zen. Mist ontzia nahiko zabala zen, eta oso eroso eta egokia gertatzen zen. Kabina gizon bat zutik sartzeko modukoa zen, eta bertako sukalde, tresneria eta kamainak aski onak ziren astebeteko bidaiak egiteko ere. Hain zuzen, lehen bidaia zen hura eta horrexegatik genbiltzan gauez itsasoan. Ilunabarrean irten ginen Oaklandetik eta orain Alameda Creeken bokaletik kanpora geunden, kresalezko estuario zabala, San Leandro badia hustu eta bete egiten duena. — Garai haietan bai bizi zirela gizonak! — esan zuen Paulek bat-batean, ni neure burutazioetatik ateratzearren edo. — Bikingoen denboran esan nahi dut — adierazi zuen gero. — Oh! — erantzun nuen alaiki, eta “Kid kapitaina” jotzen hasi nintzen txistuka. — Orain baditut neure ideiak eta iritziak — jarraitu zuen Paulek —. Jendeak erromantizismoa eta abenturak aipatzen ditu, baina abenturak eta erromantizismoa gainbehera doaz, nire ustez. Gu, izan ere, zibilizatuegiak gara. Gure XX mende honetan ez dago abenturarik. — Baina... — moztu egin nahi nion, baina ez zidan entzuten. — Begira ezazu, Bob — esan zidan —. Elkarrekin ibili garen denbora guzian, zer abentura izan dugu?Bai, egia esan egun batean muinoetara joan ginen eta erabat ilundu arte ez ginen itzuli, eta gosea ere sentitu genuen. Baina galdu ere ez ginen egin. Beti leku jakinean geunden. Txango bat besterik ez zen izan hura. Zera esan nahi dut, sekula ez dugula borroka egin beharrik izan geure burua defenditzeko. Ulertzen duzu? Sekula ez gaituzte pistola batez apuntatu, inoiz ez dugu ezpata bat buru gainean zintzilika eduki... eta itsasoan ibili garenean ere ez dugu inolako erasorik izan. Ezer ez, alegia. — Zergatik ez duzu soka handia pixka bat lasatzen? — esan zuen, axolarik eman gabe bezala —. Haizea aldatzen ari da. — Garai batean, itsasoan nabigatzen ibiltzea etengabeko abentura latza zen — jarraitu zuen berak —. Eskolatik irten berria zen mutiko bat itsas guardia bezala sartzen zen berehala, eta handik aste batzuetara, kruzeroak egiten zebilen espainol galeoien atzetik, edota beste mila gauza egiten zituen. — Beno, gaur ere badira abenturak — erantzun nion. Baina Paulek hizketan jarraitu zuen, nik ezer esan ez banu bezala. — Gaur, berriz, eskolatik institutura joaten gara, institututik unibertsitatera, eta gero bulego batean sartzen gara edo doktoregoa egiten, eta gisa horretako gauzak. Baina abenturarik ez dugu ezagutzen, liburuetan irakurriak izan ezik. Orain, esate baterako, egiazko abenturaren bat sortuko balitzaigu, ez genuke zer egin jakingo. Zer deritzozu? Ez al dut arrazoirik? — Oh, nik ez dakit — erantzun nion. — Dena den, zuk ez zenuke koldar bat izan nahi, ezta? — galdegin zuen. Hori gauza jakina eta nabaria zen, eta hala adierazi nion. — Baina ez uste gero burua galtzeko koldar izan behar denik. Zer deritzozu? Gizon bulartsuak eta ausartak estualditan jartzea komeni dela esan nion. — Bai, baina — erantsi zuen, triste antzean — kontua da abenturarik ez dela suertatzen eta hori lotsagarria da. — Abentura etorkizun dago — erantzun nion beldurrik gabe, zeren Paul oso mutil berezia baitzen eta nik ongi ezagutzen nuen. Asko irakurtzen zuen eta oso irudimen bizia zuen eta beste batzuetan ere antzeko umorez ikusia nuen. Horregatik esan nion: — Abentura etortzeko dago oraino; hortaz, alferrik da kezkatan egotea. Tarte batez isilik egon zen Paul, eta burubidez aldatua ote zen pentsatu nuen. Baina halako batean hasi zen esaten: — Demagun, Bob Kellogg, orain bezala noraezean gabiltzan batean, gizon armatuz beteriko ontzi batek erasotzen digula. Zer egingo zenuke piratak uxatzeko? — Eta zeuk zer egingo zenuke? — galdegin zuen haserre —. Baina eman dezagun zu hiltzera datozela. — Nik ez dizut esaten zer egingo nukeen — erantzun nion lehor, neu ere haserre samar. — Eta zeuk zer egingo ote zenuke, inolako armarik gabe? — Zerbait topatuko nuke — erantsi zuen lehor baino lehorrago. Barrezka hasi nintzen orduan. — Ba orduantxe bai izango genukeela abentura ederra — bota nuen —. Jakizu, beraz, astakeri sail bat esan besterik ez duzula egin. Paulek misto bat piztu zuen, erlojua begiratu eta ordu bata inguru zela ohartu zen. Erlojuari begiratzen zion beti, haren aurkako argudioren bat ateratzen zenean. Sekula ez ginen hainbeste haserretu, ia borrokan hasteko prest baikeunden. Biok borrokalari fama handia genuen, baina ez genuen inoiz halako eztabaidarik izan. Paul berriro hizketan hasi zenean, argitxo txuri bat ikusi nuen gure aurrean. — Aingura argia — esan nuen —. A zer nolako lekua aingura botatzeko! Baliteke gilarik gabeko goleta bat izatea, erremolkearekin. Hobeto genuke hemendik aldegitea. Gure ontziaren norabidea aldatu egin nuen, eta haizea atzetik genuela, abiadura ederrean gindoazen. Nolanahi ere, ez genuen sumatu argitxo hura zein ontzitakoa zen. Bat-batean, gure txalupak martxa galdu zuen, lokatza gainean lerratuko bailitzan. Harri eta zur geratu ginen biok. Haize gogorra zebilen eta, hala ere, ia gelditu egin ginen. — Hemen lokatza dago nonbait. Ez dut sekula horrelakorik entzun. Hala zioen Paulek, sinesgaitz, eta arraun bat hartuz, uretan sartu zuen eskua bustitzeraino. Ez zen hondorik ukitzen. Harriturik geunden. Haizea txistuka zebilen eta, hala ere, gure Mist ontzia ozta-ozta mugitzen zen. Ingurumari hartan zerbait hil zela ematen zuen. Nik, berriz, nahiko lan nuen ontzia gobernatzen, haizeari ihes eginez. — Aizu — esan nion Pauli isil samar. Izan ere, arraun hotsa entzuten zen eta argitxo zuria gure inguruan zebilen gora eta behera —. Horra hor zure pirata ontzia — esan nion txantxetan —. Presta zaitez piratak uxatzeko. Barre algaraz hasi ginen biok, baina ilunpetatik amorruzko deiadar bat irten zen eta inguruan zebilen txalupak gurearen txopa jo zuen. Bi gizon zeuden txalupan. Atzerritarrak ematen zuten, eguzkiak erreta zeukaten azala eta buruan puntuzko txanoak zeuzkaten, marinelen ohiturari jarraiki. Gerriko zabalak eta distiratsuak zituzten, eta zangoetan uretako bota altuak. Gogoan dut oraino nolako ikara sartu zitzaidan, haietako baten belarrietan urrezko belarritakoak ikusi nituenean. Nobela liburu batetik ateratako piratak ematen zuten. Eta koadroa osatzeko, amorruz beteta zeuden eta labana ikaragarriak erakusten zituzten. Hizkera arraro batean oihuka ari ziren biak eta guk ez genien tutik ulertzen. Txikienak eta itxura txarrena zuenak Mist-en barandan jarri zituen eskuak, eta gure ontzira jauzi egiten hasi zen. Tximista bezala, Paulek arraunaren muturra jarri zion bularraren kontra eta bultza egin zion indarrez. Fardo bat bezala erori zen bere txalupara, baina segituan altxa zen, labana astinduz eta oihuka: — Nire sarea puskatu duzue! Nire sarea puskatu duzue! Eta bere jardun mordoiloan segitzen zuen, lagunarekin bat eginda. Bitartean, beste eraso baterako prestatzen ari ziren, Misten gainera igotzeko amorruz. — Arrantzale italiarrak dira — hots egin nuen, gertatuaz jabetu nintzenean —. Halabeharrez, beraien sarean sartu gara eta gilarekin katigatu delarik, lema trabatu zaigu. Horixe da guzia. Aingura bertan bota dugula. — Baina gizon hauek ez dute patxada handirik gero — ohartu zuen Paulek, arraunaz bultza egiten zielarik. — Aizue, lagunak! — esan zien —. Utziguzue, mesedez, eta berehala libratuko gara. Ez genekien zuen sarea hor zegoenik. Konturatu gabe sartu gara hemen. — Ez zarete galeran irtengo — erantsi nuen. Kalteak ordainduko dizkizuegu. Baina dena alferrik. Edo ez zuten ulertzen guk esaten geniena edota ez zuten ulertu nahi. — Nire sarea urratu duzue! Nire sarea urratu duzue! — hala zioen txikienak, bestea, belarritakoak zituena, deiadarka eta keinuka ari zen bitartean —. Akabatu eta hil egingo zaituztet, urde zikinok! Paulek atzera eragin zionean, arraunari heldu zion eskuekin eta lagunak gure untzira jauzi egin nahi zuen. Ni orduan beste arraun batekin irten nintzen, eta bere txalupara erori zen atzeraka. Gauzak serio jartzen ari ziren eta berriro zutik jarri eta nire arraunari heldu zion. Egia esan, benetako ikara sentitu nuen, gizon hura oso indartsua baitzen. Ni baino indartsuagoa izan arren, txalupa gerturatu nahi zuen, baina nik bultza egiten nion eta atzera joaten zen. Gainera, eskuineko eskuan zeukan labanak traba egiten zion. Horrek kentzen zion indarrari esker, biok berdintsu genbiltzan tirabira hartan. Paul eta bere etsaiari beste hainbeste gertatzen zitzaien. Borroka latza zen, baina ezinezkoa zen hartan jarraitzea. Behin baino gehiagotan esan nien kalte guziak ordainduko genituela, baina alferrik. Gero nire etsaiak besapean hartu zuen arrauna eta hurbiltzen hasi zen, poliki-poliki aurrera eginez. Besteak gauza bera egin zuen Paulekin. Ia gainean genituen eta gure azken fina hantxe izango zela etsita geunden. — Mugi ezazu lema, Bob!— esan zidan Paulek isilpean. Begiratu nion, eta aurpegia zurbil-zurbil zeukan eta hortzak estututa. — Oh, Bob — berriro berak —, eragin iezaiozu lemari. Eragin iezaiozu lemari, Bob. Haren borondateak adore berria eman zidan. Arrauna utzi gabe, lemari eragin nion bizkarra okertuta. Horrela Mist haizearen buruz buru gelditzen zen, eta, maniobra honen bidez, bela nagusia alde batetik bestera pasa nahi zen. Berehala oihala puzten hasi zen. Paulekin borrokan ari zen gizona jauzi egiten hasi zen gure untzira, bestea altxatzera zihoan bitartean. — Kontuz! — oihu egin zuen Paulek —. Hor dator. Bota arrauna! Biok batera bota genituen arraunak eta piririka erori ginen ontzi barrura. Geroxeago, haga luzea (botaloia) eta txirrika astunak buru gainean genituen balantzaka, soka nagusia txistu ka pasa zen suge baten antzera, eta gure Mist astinaldi gogor baten poderioz mugitu zen. Bi gizonek ahaleginak egin zituzten salto egiteko, baina alferrik. Gizon txikiak min hartu zuen eskuan zeukan labanaz. Han ikusi genuen bere txalupan zutik, behatz zauritu eta odolduak estutuz, aurpegia oinazez eta amorruz zimurkatzen zuelarik. — Orain da garaia — marmaratu zuen Paulek. Salto egin ezazu kanpora. Uretara sartu ginen biok, lemaren alde banatan, sarea zangoekin apartatu nahian. Askatu genuen azkenean. Orduan txalupara sartu ginen berriro; Paulek bela nagusiaren ardura hartu zuen eta nik lemarena. Oztopoak gainditurik, Mist aurrera zihoan bizkor, eta atzean utzi genuen argitxoa gero eta txikiagoa ageri zen. — Orain abentura bat pasa dugunez gero, hobeto al zaude? — hala galdetu nion Pauli, jantziak aldatu eta lasai eseri ginenean. — Hobeto aurkituko naiz — erantzun zuen bekozko zimurrez — baldin eta aste honetan amesgaiztorik izaten ez badut eta azkenean lo egiteko modua izaten badut. IBAIAREN BAZTERRETAN Eta zuek haizeok Kaliforniarantz jotzen duzue, zeren urrez beterik baitaude Sacramento ibaiaren bazterrak. Mutiko bat ari zen kantari, ahots zoli eta garratzez. Mundu guztiko marinelek kantatzen duten abestia zen, aingurak bildu eta San Franciscoko portura abiatzen direnean. Mutikoak ez zuen inoiz itsasorik ikusi, baina handik hurbil Sacramento ibaia pasatzen zen. Jerry “gaztea” zeritzan mutila, zeren aitari Jerry “zaharra” esaten baitzioten. Beronengandik ikasia zuen abestia. Aitak bezala, ile gorri kizkurra zuen, begi urdin saltariak eta aurpegia zuria oreztez betea. Jerry zaharra marinel izana zen, eta gaztaro osoan itsasoan ibilia, abesti eder haren hitzak beti gogoan zituela. Egun batez, ordea, Asiako portu batean, benetan eta emozioz beteta kantatu zuen abestia, beste hogei lagunekin batera. San Franciscora iritsi zenean, ontziari eta itsasoari atzea eman eta bere begiez Sacramento ibaiaren bazterrak ikustera joan zen. Urrea ere ikusi zuen, zeren Urrezko Ametsa deritzan meatzean enplegatzen baitzen. Gainera, oso iaioa zen aireko bagonetan kableak erabiltzen, ibaiaren gainetik berrehun metrotara pasatzen zirelarik. Laster kableen eta berauen konponketa guztien arduradun egin zuten, eta halako zaletasuna sartu zitzaion ezen Urrezko Ametsa izeneko meatzean behar-beharrezkoa gertatu baitzen. Biziro maite zuen Margarita Kelly, bere emazte xarmanta, baina hau ere azken loa egitera joan zen kanposantu txikira, pinu handi eta astunen artera. Artean Jerry txikia ume koskor bat zen, doi-doi zutik mantentzen zelarik. Jerry zaharra ez zen gehiago itsasora itzuli. Bere kableen artean geratu zen, amodio guzia Jerry txikiari eta kableei eskainiz. Urrezko Ametsa kinka larrian jarri zenean ere, enplegatu gisa jarraitu zuen konpainian, hango ondasunak begiratu eta zaintzeko. Goiz hartan, ordea, ez zen ageri. Jerry txikia bakarrik zegoen, atalondoan eserita, abesti zaharra kantatuz. Egun hartan berak prestatu zuen gosaria eta gosaldu ondoan mundua ikustera irten zen. Hogei bat oinetara bere aurrean, altzairuzko danborra zegoen, beraren inguruan biltzen baitzen kable luzea. Danborraren ondoan bagoneta zegoen. Kableak hara eta hona zebiltzan. Hango makineria grabitatearen indarrez mugitzen zen. Karga zeraman bagonetak bere pisuaren poderioz gurutzatzen zuen ibaia eta, bide batez, hutsik zegoenari atzera eragiten zion. Bagoneta kargatua hustu, eta hutsa mea gehiagoz bete ondoren, maniobra berriro errepikatzen zen, eta horrela zebilen aspalditik, Jerry zaharra kableen arduradun jarri zenetik. Jerry txikiak urrats batzuen hotsa entzun zuen hurbilean, eta moztu egin zuen kantua. Gizon bat azaldu zen pinu arteko ilunpetik, altua, alkandora urdinez jantzia, eskopeta batekin. Hall zen, Dragoi Horia deritzan meatzeko begiralea. Hango kableak ere Sacramento ibaiaren gainetik pasatzen ziren, mila bat gorago. — Kaixo, gazte! — esan zuen, diosala eginez —. Zertan zaude hemen, hain bakarrik? — Beno, bazterrak zaintzen — erantzun zion Jerryk hotz samar, gauzarik normalena bailitzan —. Aita joan egin da eta hementxe nago. — Nora joan da? — San Franciscora. Bart joan da. Anaia hil zaio eta abokatuak ikustera joan da. Bihar gaua arte ez da itzuliko. Harrotasun pixka batez hitz egiten zuen Jerryk, Urrezko Ametsa zaindu beharrak ematen zion erantzukizunagatik eta egun hartako abenturagatik, zeren harkaitz artean eta bakarrik bizitzea ez baitzen txantxetako gauza. — Beno, kontuz ibili — esan zion Hallek — eta ez ibili tximinokeriak egiten kableetan. Ea oreinen bat edo harrapatzen dudan hortik zehar.— Euria datorrela uste dut — esan zuen Jerryk, gizon baten itxurak hartuz. — Ez zait batere axola bustitzea — erantzun zuen Hallek, eta han joan zen barrezka. Zuhaitz artean desagertu zen. Jerryk igarri bezala, euria egin zuen gogotik. Hamarrak inguruan, pinuak zabuka eta intzirika zebiltzan, bordako leihoetan haizearen txistu hotsa zebilen, eta erauntsi gogorrak bota zituen tarteka. Egun hartan, platerak garbitu eta beren lekuan jarri ondoren, etxetik ez irtetea erabaki zuen eta pentsatzen jarri zen Hall asko bustiko ote zen, eta oreinen bat harrapatuko ote zuen. Ordu batean atea jo zuten eta ireki zuenean, gizon eta emakume bat sartu ziren estropezuka, haize-bolada batek bultzaturik. Spillane senar-emazteak ziren, haran bakarti batean bizi ziren abeltzainak, ibaitik dozena bat milatara. — Non da Hall? — galdegin zuen Spillanek, bizkor eta lehor mintzatzen zelarik.Berehala konturatu zen Jerry gizon hura oso urduri zegoela eta Spillane andrea, berriz, kezka larriren batek nahigabeturik. Emakume argala eta gastatua zen, haren bizitzeko neke guziak aurpegian sumatzen zirelarik. Gizonak ere lan asko egindako itxura zuen: sorbaldak konkortuta, esku latzak eta ile urdindua. — Hall ehizara joan da — erantzun zuen Jerryk —. Ibaia zeharkatu nahi al duzue? Andrea negarrez hasi zen isilean. Spillane jauna leiho aldera joan zen, haserre antzean. Jerry eta biak kableak eta bagonetak ikusmiratzen egon ziren, erauntsi gogor hartan erdizka sumatzen zirelarik. Lurralde hartako oihanetan bizi zirenek Dragoi Horiko kablea erabili ohi zuten, Sacramento ibaia pasatzeko. Zerbitzuaren truke, diru pixka bat kobratzen zen, eta Konpainiak Hallen soldata borobiltzeko erabiltzen zuen. — Ibaia pasa behar dugu, Jerry — esan zuen Spillanek, erpuruaz bere emaztea seinalatzen zuelarik —. Honen aitak istripua izan du Clover Leaf meategian. Bolbora leherketa izan da. Ez dago onik irtengo den itxaropenik. Oraintxe jaso dugu berri txarra. Jerry gaztea duda-mudatan zegoen. Spillanek kablez pasa nahi zuen ibaia, baina Jerryk ez zuen halako arriskutan sartu nahi aitaren faltan, zeren kable hura ez baitzen sekula jendea pasatzeko erabili. Gainera, aspaldi hartan erabili gabe zegoen. — Agian laster itzuliko da Hall — esan zuen Jerryk. Spillanek burua astindu eta galdegin zuen: — Baina non da zure aita? — San Franciscon — erantzun zuen Jerryk labur. Spillane sutan zegoen eta bere haserrean, ukabila itxiaz beste eskua jo zuen. Emaztea negar bizian zegoen eta Jerryk hauxe entzun zion: “Aita hil zorian dago, hil hurren”. Jerry bera ere negar-malkotan zegoen, eta ez zekien zer egin. Baina gizonak erabakia hartu zuen. — Begira, mutiko — esan zuen erabaki sendoz —, andrea eta biok zuen kabletik pasa behar dugu. Martxan jarriko al duzu? — Jerryk atzera egin zuen apur bat. Konturatu gabe, noski, bere senak arrisku batetik atera nahiko balu bezala. — Hobe izango da Hall etorri den ikustea — idaroki zuen. — Eta oraindik etorri ez bada? Berriro zalantzan jarri zen Jerry. — Neu egiten naiz arriskuaren erantzule — erantsi zuen Spillanek —. Mutiko, ez al duzu ulertzen ibaia zeharkatu nahi dugula eta ez besterik? Jerryk burua astindu zuen. — Alferrik da Hallen zain egotea — jarraitu zuen Spillanek —. Zuk badakizu ongi asko oraindik ez dela itzuli eta ez dago gehiago itxaroterik. Ala, ala, utziguzu pasatzen. Spillane andrea ikaraz bete zen bagonetan sartu zenean eta ez da batere harritzekoa, zeren izugarrizko amildegia baitzeukan azpian. Bestalde, euriz eta lainoz inguratuta zeuden eta ibaiaren beste ertza ez zen ikusi ere egiten, nahiz eta zazpiehun metrotara egon. — Prest al zaudete! — galdetu zuen Jerryk. — Aska ezazu! — esan zuen Spillanek deiadar batean, haizearen orroak gainditu nahian. Hitz hauen ondoren, senar-emazteek eskuak askatu eta bagonetari heldu zioten indarrez. Jerry balazta askatzen hasi zen geldiro eta arreta handiz. Danborra bueltaka hasi zen, kablea inguruan biltzen zitzaiolarik. Bagoneta, berriz, aurrera zihoan kablean zehar. Jerryk behin baino gehiagotan jarria zuen martxan kable hura, baina beti bere aita ondoan zuela. Balaztaren bidez, bagonetaren abiadura erregulatzen zuen. Behar-beharrezkoa zen, zeren haizeak izugarrizko balantzak eragiten baitzizkion eta bazirudien barruan zeudenak irauli egin behar zituela halako batean. Erauntsiak hartu zituen eta Jerryk ez zeukan arrastorik bagoneta non zegoen jakiteko. Hori bai, kableari begiratzen zion adi-adi, danborraren inguruan biltzen zen bitartean. “Hirurehun oin, hirurehun eta berrogeita hamar, laurehun, laurehun eta...” — hala kontatzen zuen bere baitan, kablearen markak pasa ahala. Halako batean, kablea gelditu egin zen. Balazta kendu zion Jerryk, baina ez zen mugitzen. Astindu bat eman zion eskuekin helduta, baina alferrik. Ezin zuen asmatu zer gertatzen zen. Gora begiratu eta ozta-ozta ikusi zuen beste aldetik zetorren bagoneta hutsa. Berrehun eta berrogeita hamar bat oinetara zegoen geldi. Hortaz, Spillane jaun-andreak ere distantzia horretaraxe egongo ziren beste ertzetik, ibai gainean zintzilik eta laino artean galduta. Biriketako indar guztiaz, hiru bider oihu egin zuen Jerryk, baina ez zen inolako erantzunik etorri. Ekaitzaren erdian, ez zegoen ezer entzuterik. Pentsatzen jarri zen une batez, eta hodei mugikorrak mehetu eta igo bezala egin ziren. Sacramento ibaia hazita zetorren eta ibai gainean bagoneta ageri zen, andre-gizonarekin. Hodeiak jaitsi egin ziren berehala, sekula baino lodiago. Mutikoak orduan danborra aztertu zuen zehatz-mehatz, baina ez zuen ezer apartekorik aurkitu. Matxura nonbait beste alderdian zegoen. Ikara bizia sartu zitzaion andre-gizonak ekaitzaren erdian eta leize gainean zintzilik zeudela pentsatzean. Korrika batean, txirrika bat eta soka batzuen bila joan zen, biltegira. Txirrika bikoitza zen eta hala zioen berekiko, kableari lotzen zion bitartean: “Honekin lau gizonen indarra, gutxienez”. Gero tiraka hasi zen su batean, besoak eta gorputzeko zainak ia zartatzeraino. Kablea, ordea, ez zen pikorrik mugitzen. Pikardia beste alderdian zegoen inondik ere. Zopa eginda zegoen, baina horretan erreparatu gabe, Dragoi Horirantz abiatu zen korrika. Erauntsiak bultza egiten zion atzetik, baina hainbeste korri egin ondoren, ez zuen topo egin Hallekin, balaztaren bidez bagonetaren martxa erregulatzeko. Bere kasa moldatu zen, soka lodi batez baliatuz. Haizea txistuka eta uluka zebilen bagoneta astinduz, eta orduan ulertu zuen hobeki Spillane jaun-andreen aldartea nolakoa zatekeen. Pentsamendu honek adore berria eman zion eta inolako okerrik gabe pasa zuen ibaia, Dragoi Horiko kabletik, haize-boladarik gogorrenean. Harri eta zur geratu zen, beste danborra ere primeran zegoela ikusi zuenean. Beraz, bi bazterretan dena ongi zegoen. Matxura erdialdean zegoen, inondik ere. Spillane senar-emazteen bagoneta berrehun eta berrogeita hamar oinetara zegoen handik. Hantxe zeuden andre-gizonak hodei artean, bagoneta hondoan kuzkurtuta, euri-jasa eta haize-balen erasopean. Bi erauntsiren arteko barealdi batean, oihu egin zion Spillane jaunari, bagoneta aztertzeko esanez. Spillanek ederki entzun zuen Jerryren oihua eta pixkanaka altxatuz, bagonetaren gurpilak ikusten ibili zen. Gero ibaiertzera begiratuz, esan zuen: Hau primeran dago, mutiko. Jerryk urrutira bezala entzun zituen hitzok. Zer arraio gertatzen zen, beraz? Hutsik zegoen bagoneta aztertu beharra zegoen. Ezin zuen ikusi, Spillane baino berrehun oin harago baitzegoen. Hala ere, laster erabaki zuen zer egin. Hamalau urte besterik ez zituen eta oso bizkorra zen, bizitza osoan mendiartean ibilia. Aitarengandik ikasi zuen mendiak igotzen eta goialdeek ez zioten beldurrik ematen. Danborraren ondoan zegoen biltegian kako bat eta burdinazko barra bat aurkitu zituen eta gainera soka lodi bat, oso ona. Alferrik ibili zen ohol zati baten bila, “kontramaisu aulki’’ bat egiteko. Oholtzar batzuk bazeuden, baina ez zegoen haiek zerratzeko modurik. Hortaz, jarleku egokirik gabe moldatu beharra izan zuen. Oso aulki xumea antolatu zuen. Kablearen inguruan soka jarri eta kibizta handi bat egin zuen, sokan eserita kablea eskuekin hartzeko moduan. Prestakizunak berehalakoan egin eta jauzi egin zuen, sokazko aulkian eseri eta kablean zehar eskuen laguntzaz aurrera egiten zuelarik. Kakoa eta burdinazko barra ere berekin zeramatzan eta baita soka mutur bat badaezpada ere. Mendi bat eskalatzen ari zela iruditzen zitzaion, baina haize zakarrak ematen zion kezkarik handiena. Haizeak astintzen zuenean eta leize ilun hartara begiratzen zuenean, ikara bizitan sentitzen zen. Izan ere, kablea zaharra izanik, zer gertatuko zen puskatuko balitz? Beldurrez josita zegoen. Urdailean halako hutsune bat sentitzen zuen, eta belaunetan ezin menderaturiko ikara larria. Hala ere, adoretsu egin zuen egitekoa. Kablea zaharra eta gastatua zegoen, bertatik alanbre zati zorrotzak irteten zirelarik. Horregatik, hain zuzen, Spillanerekin hitz egiteko lehen aldiz gelditu zenean, eskuak zaurituta zeuzkan, odola oparo zeriela. Bagoneta beraren azpian zegoen, oso hurbil. Hortaz, oso erraz gertatu zitzaion Spillaneri egoeraren berri ematea eta hara zertara zihoan adieraztea. — Pozik lagunduko nizuke esan zion Spillane jaunak — baina emaztea oso gaizki dago. Dena dela, zabiltza kontuz eta poliki. Neuk sartu zintudan estualdi honetan, baina zeuk atera beharko nauzu. — Bai, noski — erantzun zuen Jerryk —. Esaiozu emazteari laster lurrean izango dela. Erauntsi amorratu baten erdian, eskuak zartaturik eta bularra arnasestuka, azkenean iritsi zen bagoneta hutsera. Ez zen alferrikako ibilia izan. Aski izan zuen begirada soil bat zer gertatzen zen jakiteko. Bagonetaren aurreko gurpila kabletik irtenda zegoen eta hau katigatuta zegoen gurpilaren eta txirrikaren artean. Garbi zegoen: gurpila txirrikatik apartatu behar zen. Eta beste gauza bat: gurpila kentzen zuen bitartean, bagoneta kableari lotu behar zitzaion berak ekarri zuen sokaz. Ordu erdiz lanean aritu ondoren, bagoneta segurtatzea besterik ez zuen egin. Gurpila ardatzarekin lotzen zuen giltza herdoildua eta hezetua zegoen. Esku batekin lanean ari zen bitartean, bestearekin gorputzari eusten zion. Ez zen giro hantxe! Ordu erdi baten buruan, giltza laxatu zuen, baina ezin zuen atera. Etsita, lana bertan behera utzi beharko zuela pentsatu zuen behin baino gehiagotan. Alegia, bere buruhausteak eta arriskuak alferrikakoak izango zirela azkenean. Orduan ideia bat burura zitzaion eta sakeletan aztarrika hasi zen, nahi zuena aurkitu arte: hamar penikeko iltze bat. Hain zuzen, iltze honengatik izan ez balitz, iltze bila joan beharko zuen berriro. Alde ederra! Iltzea sarrailatik pasatuz, presio egin eta berehala atera zuen. Gero, burdinazko barraren bidez, gurpila askatzen saiatu zen kablea eta txirrikaren artetik. Hori lortu zuenean, berriro gurpila bere tokian jarri zuen, eta, sokaren laguntzaz, bagonetari tira egin zion, kablearen gainean jarri arte. Lan luzea eta nekosoa izan zen. Ordubete eta erdi pasa zuen eginkizun horretan. Eta orduan, aulkitik irten eta bagonetan sartu zen. Sokak askatu eta gurpilak jirabiraka hasi ziren. Bagoneta hura bazebilen eta Jerryk pentsatu zuen bestea ere, Spillanerena alegia, martxan ibiliko zela beste aldean. Ez zegoen balazta beharrik ere, bere pisuak kontra balantza egiten baitzion beste bagonetari. Laster azaldu ziren arrokak ibaiertzeko laino artetik, baita danbor ezaguna ere jira biraka. Jerryk salto egin zuen lurrera, bagonetari eutsiz. Astiro eta arreta handiz egin zuen eta gero, lur jota dagoenaren aurpegiaz, danborraren ondoan etzan zen, ekaitzaren erdian negar-zotinka lehertu beharrean. Bazuen negar egiteko arrazoirik: eskuetako oinazeak, nekea, larrialdi luze hartatik libre sentitzea, eta baita ere arriskuan egonak ziren andre-gizon haiek salbu eta onik atera zirela jakitearen poza. Spillane senar-emazteak ez zeuden han bertan beren esker ona adierazteko. Ordurako, noski, lasterka joango ziren nonbait, Clover Leaferako bidean. Jerry bere borda aldera abiatu zen estropezuka. Atea irekitzerakoan, bere esku odolduaz krisketa busti zuen, baina bera ez zen konturatu.Egun hartan benetan harro sentitzen zen, zeren balentria handia egina baitzuen, eta berari egia aitortzea gustatzen zitzaion. Alabaina, bere burutazio guzien artean, arantza bat zeukan bihotzean, eta ezin zuen inola ere ahaztu: — Tamala benetan! Nire aita han izan balitz, gaur egin dudana ikusteko! YOKOHAMAKO PORTUAN Antzoki kalean delakoan galduko zuen seguru aski. Jende ikaragarri zebilen alderdi hartan eta oroitzen zen, gainera, nola zubi bat pasatzerakoan norbaitek bultza egin zion. Litxarreroren bat gustura ibiliko zen ordurako, berari kendutako berrogeita hamar yen haiekin. Baina bazitekeen zabarkeriaz galduak izatea ere. Etsi-etsian, berriro ere aztarrika ibili zen sakeletan diru zorroaren bila. Ez zen ageri. Atzeko poltsikoa miatzen ari zen eta orduan jatetxeko jabea ero bat bezala hasi zitzaion deiadarka: — Hogeita bost yen! Ordaindu oraintxe. Hogeita bost yen! — Bai, baina diru zorroa nonbait galdu zait — esan zuen gazteak. Orduan jatetxeko jabeak besoak altxa eta amorruz eta oihuka esan zuen: — Hogeita bost yen! Hogeita bost yen! Ordaindu oraintxe bertan! Bien bitartean jendea biltzen hasi zen eta Alf Davis aztoratuta zegoen. Koadro hura komeria hutsa iruditzen zitzaion. Ezer ez eta festa. Jende hura beraren aurka zegoen, inondik ere. Jende artetik hanka egitea ere pentsatu zuen, aurrean jartzen zitzaiona baztertuz. Baina igarri balio bezala, zerbitzari moztaka eta potzolo batek besotik heldu zion. — Ordaindu oraintxe! Ordaindu oraintxe! Hogeita bost yen! — hala zioen jabeak, amorru bizian. Alf arnas-estuka zegoen lotsaren lotsaz, eta, hala ere, sakelak miatzen hasi zen berriro. Diru zorroa aurkitzeaz etsipena hartuta, txanpon solteren bat ote zuen itxaropena piztu zitzaion. Txamarraren sakelan hamar yeneko txanpon bat topatu zuen eta beste bat bostekoa. Eta berriki hamar yeneko txanpon bat galdu zuela gogoraturik, sakelaren jostura ebaki zuen eta hantxe azaldu zen, azalaren barenean, ale irrikatua. Hogeita bost yen zituen eskutan, afaria ordaintzeko adina. Jabeari eman zizkion segituan, eta hau berehala baretu zen, dirua ikusi eta kontatu zuenean. Honenbestez, han zegoen jendea ere lasaitu zen eta berriketan jarraitu zuten. Alf Davis marinel gaztea zen, hamasei urte bete berria, eta Annie Mine ontzian ibiltzen zen nabigatzen. Amerikar goleta hau Yokohamara etorria zen, denboraldi hartan harra- patutako foka-larruak Londresera eraman asmoz. Hain zuzen, huraxe zen ontzitik lehorrera irteten zen bigarren aldia, eta ekialdeko jendearen pentsaera nahiko bitxia gertatzen zitzaion. Agurrak eta kunplimenduak bukatu zirenean, barrezka hasi zen eta beste gauza batera pasa zen. Izan ere, nola joan behar zuen orain ontzira? Gaueko hamaikak ziren eta Annie Mineko txalupak erretiraturik izango ziren ordurako. Bestalde, poltsikoak hutsik zituela, bertako txalupazale bat alokatzea ere ez zen lantegi atsegina. Zer egin? Lehenik, ingurumari guzian begiratu zuen, lagunen bat ikusten ote zuen, eta gero kaira jaitsi zen. Yokohamako kaiak ez dira oso luzeak. Ontziek kanpoan botatzen dute aingura, eta horrela bidaiariak eraman eta ekartzen enplegatzen da bertako jende sail bat. Dozena bat txalupa zalek, gizon eta mutiko, hots egin zioten Alf-i, beren zerbitzuak eskainiz. Denen artean, ogi puska itxurako agure bat iruditu zitzaion egokiena, hanka batetik herren egiten zuena. Salto batez sartu zen Alf txalupan eta eseri egin zen. Oso ilun zegoen eta ezin zuen ikusi gizon hura zertan ari zen. Agian txaluparen lokarriak askatzen ari zen. Laster, ordea, zutik jarri eta Alfi begira geratu zen tinko. — Hamar yen — esan zion. — Bai, badakit: hamar yen — erantzun zuen Alfek, axolarik eman gabe —. Baina mugi zaitez, eraman nazazu azkar amerikar ontzira. — Hamar yen. Ordaindu oraintxe — berriro agureak. Alf bere onetik ateratzen hasi zen hitz gogaikarri haiek (“ordaindu oraintxe”) entzun zituenean. — Eraman nazazu amerikar untzira eta gero ordainduko dizut — esan zion. Baina gizonak zutik jarraitzen zuen, eskua luzatuta eta esanez: — Hamar yen. Ordaindu oraintxe. Alf azalpenak ematen hasi zen. Ez zeukan dirurik, diru zorroa galdu baitzuen. Baina amerikar untzira iritsi orduko ordainduko zion. Ez, ez zen untzira ere igoko. Lagunei hots egingo zien eta hauek hamar yenak emango zizkioten, bera txalupatik irten baino lehen. Horrela dena konpondurik zegoen. Orduan, ogi puska itxurako agureak ihardetsi zion: — Ordaindu oraintxe. Hamar yen. Eta gauzak gehiago nahasteko, beste txalupa zaleak entzuten zeuden, kaiko eskaileretan kuzkurtuta. Haserre eta triste, Alf txalupatik irteten hasi zen, baina agureak eutsi egin zion. — Zuk emadazu orain alkandora. Eramango zaitut amerikar ontzira — proposatu zion. Alf gaztea irakiten jarri zen orduantxe. Berak ez zuen bortxarik onartzen eta proposamen hura lapurreta hutsa iruditzen zitzaion. Hamar yen ez ziren ezer eta alkandora hura bi dolar kosta zitzaion, berria eta kalitate onekoa baitzen. Hitzik esan gabe, atzea eman zion agureari, eta kai muturreraino joan zen, hango jendeak barre-algaraz eta hurbiletik jarraitzen zion bitartean. Gizon haiek indartsuak ziren gehienak eta uztaileko gaur bero hartan ez zuten jantzi askorik soinean. Itsas jendea zakarra eta zalapartaria izan ohi da nonahi ere eta Alfi ez zitzaion oso lasaigarri iruditzen gauerdian eta Japoniako hiri handi batean, jende harekin kai ertzean egotea. Gizon sendo bat aurreratu zen, begi sarkorrak eta ile xerlo beltza zuelarik. Besteak ere harekin batera mugitu ziren, eztabaidan parte hartzeko prest. — Emazkidazu zapatak — esan zuen gizonak —. Emazkidazu zapatak orain. Neuk eramango zaitut amerikar ontzira. Alfek burua astindu zuen eta jendeak uste zuen proposamena onesten zuela. Alf bezalako anglosaxoi batek, ordea, ez du irainik eta mespretxurik onartzen; askatasunez jokatzea gustatzen zaio eta ez bortxaren mendean. Hortaz, txalupa zaleen jokabide hark arrazaren urguilua piztu zion Alfi. Une hartan, itxaropen guztia galduta zegoen. Ez zegoen zer eginik. Eta hantxe, kai bakarti hartan, izarren azpian eta jendaila haren erdian, zera erabaki zuen bere baitan: hobe zela hiltzea, itsuski lapurtzen uztea baino. Ez zen ausardi kontua jadanik, baizik eta printzipioak zeuden jokoan. Orduan norbaitek bultza egin zion atzetik indarrez. Alfek txinpartazko begiratua bota zion jendeari, eta atzera egin zuten pixka bat. Jendeak gero eta zarata gehiago ateratzen zuen. Handik eta hemendik jantziak eskatzen zizkion jendeak, denek batera eta hots handian hitz eginez. Alf isilik zegoen aspalditxo hartan, baina konturatu zen giroa bihurritzen ari zela eta onena aldegitea izango zela. Aurpegi sufritu hartan, bi begiek ilintiak ziruditen eta gorputza irmo eta tente mantentzen zuen inoren aurrean. Planta honek zirrara latza egin zien txalupa zaleei eta joaten utzi zioten, lehorrerantz abiatu zenean. Hala ere, trumilka eta samaldan jarraitu zioten, lehen baino oihu eta algara handiagoak atereaz. Gazte sendo batek buruko kapelua kendu zion, bere ausardian. Baina buruan jarri zuenerako, sekulako kolpea erantsi zion Alfek, Iurrera botatzeraino. Kapelua jende artean galdu zen. Baina marinel baten urguiluak ezin zezakeen kapelua bertan behera utzi. Bila hasi zen eta gizon lodikote batek hanka azpian hartuta zeukan. Tiraka hasi zen Alf, baina ezin zuen. Orduan bultza egin zion gizonari eta hau marmarka hasi zen. Alfek erronka gisa hartu zuen erantzun hura eta borrokan hasi ziren biak. Laster bota zuen lurrera beste gizona. Alfek eskuratu zuen kapelua. Ukabilak gora zituela, erasotzeko prest jarri zen eta inguruan zeudenek ihes egin zuten zalapartaka. Beraz, oztoporik ez zuen bidean eta aurrera segitu zuen. Portuko polizia-etxolara joan zen, guardian zegoen ofizialearekin hizketatzera. Txalupa zaleak euliak bezala pilatu ziren ate ondoan, zer gertatzen zen ikusteko. Alfek, hitz gutxitan, bere estutasunak eta gorabeherak agertu zizkion guardiari eta atzerritarren pribilegioak aipatuz, polizia-txalupa batean ontziraino eramateko eskatu zion. Ofizialak ipi-apa guziekin ezagutzen zituen “lege eta erregela guziak” eta argi eta garbi azaldu zion portuko poliziak ez zirela txalupa zaleak, eta beraien txalupak ez zirela sosik gabeko marinel parranda zaleak beraien ontzietara garraiatzeko. Esan zion, gainera, bazekiela ongi asko nola txalupa zaleak jaiotzaz lapurrak ziren, baina legearen barruan lapurtzen zuten bitartean ez zegoela zer esanik. Eskubide osoa zuten pasaia aldez aurretik kobratzeko. Bestalde, ofiziala ez zen nor txalupa zaleei bidaiari bat har zezatela agintzeko eta bidaiaren azkenean kobra ziezaiotela. Alfek ontzat eman zituen ofizialaren oharpenak, baina ez zen horrenbestez konformatu. Izan ere, aginduak emateko ahalmenik ez bazuen ere, txalupa zaleei hitzerdi bat esatea bere esku zegoela esan baitzion marinel gazteak. Orduan ofiziala kanpora irten zen eta hitzaldi suhar bat egin zien txalupa zaleei. Baina hauek ere ongi ezagutzen zituzten beren eskubideak eta poliziak bukatu zuenean, denak batera hasi ziren betiko leloa errepikatzen: — Hamar yen! Ordaindu oraintxe! Ordaindu oraintxe! — Ikusten duzu? Alferrik da — esan zion ofizialak. Ez dago zer eginik. Dena dela, esan diet zuri eragozpenik eta trabarik ez jartzeko. Horrela behintzat ez duzu arriskurik izango. Gau beroa dago eta laster zabalduko du eguna. Etzan zaitez nonbait eta lo egizu. Lege eta erregelen kontra ez balego, gela honetantxe lo egiten utziko nizuke. Alfek eskerrak eman zizkion bere onginahi eta gizalegeagatik. Txalupa zale haien jokabideak, ordea, pil-pilean jarri zion bere seta eta urguilu guztia, eta auzi hura ezin zitekeen horrela gera. Gaua zoru gogorraren gainean pasatzea bere porrota aitortzea zen. Txalupa zaleek ez al naute eraman nahi? — galdegin zuen. “Halaxe da”, adierazi zion ofizialak keinu batez. — Eta zuk ere ez? Lehengo keinu bera egin zuen ofizialak. — Beno, baina lege eta erregelek debeka al dezakete ni neure kabuz untzira joatea? Ofiziala txundituta zegoen. — Ez dago txaluparik — esan zuen. — Ez dio axolarik — erantzun zuen Alfek suturik. Ni neure kabuz untzira joaten banaiz, denok lasai gelditzen gara eta ez zaio inori kalterik egiten. — Bai, egia da — erantzun zuen ofizialak azpikeriaz. — Baina zu ez zaitezke zeure kabuz joan. — Oraintxe ikusiko duzu — erantzun zuen Alfek. Mutilak airera bota zuen bere kapelua. Gero zapatak erantzi zituen, eta ondoren galtzak eta alkandora. — Har ezazu gogoan — esan zion ofizialari ozenki — Estatu Batuetako hiritar bat naizela, eta zu Yokohamako hiria eta Japoniako gobernua zaretela jantzi hauen arduradun eta erantzule. Gabon. Kanpora irten zen, txalupa zaleak harri eta zur utzirik, eta kairantz jo zuen korrika. Txalupa zaleak, ordea, berehala etorri ziren beren senera eta algara batean haren atzetik joan ziren. Gau gogoangarria izan zen Yokohama portuko jendearentzat. Alf gaztea kai muturrera joan zen zuzenean eta bat-batean uretara jauzi egin zuen maisukiro. Igerian zihoan bizkor halako batean iluntasunak geldiarazi zuen arte. Ilunpe hartan, kai aldetik, giza hotsak entzuten zituen, berari deika. Burua itzuli, eta ur gainean pausatu zen, deiak entzuteko. — Oso ongi, oso ongi! — entzun zuen garbiro nahaspila hartan —. Orain ez ordaindu, gero ordaindu. Itzul zaitez. Gero ordaindu. — Ez, eskerrik asko — erantzun zien —. Ez dut ezertxo ere ordainduko. Gabon. Gero bere ingurura begiratu zuen, Annie Mine ontzia non zegoen jakiteko. Handik mila luze batera zegoen eta gauez ez zen batere erraza begiz jotzea. Lehenik, argi-distira bat ikusi zuen lekura jo zuen, gerrako ontzi baten argia nonbait. Lancaster zen, noski, Estatu Batuetako ontzi ospetsua. Annie Mine, berriz, haren ezkerretara eta urrunxeago egon behar zuen inondik ere. Baina alderdi hartan hiru argi sumatzen zituen, elkarrengandik oso hurbil. Hura behintzat ezin zitekeen izan Annie Mine. Une batez noraezean egon zen. Bizkar gainean etzan eta begiak itxi zituen, egunez ikusia zuen portuaren irudia bere gogoan berritzeko. Hasperen batez buelta erdia eman zuen berriro. Pozik zegoen. Hiru argi haiek ingeles merkatal ontzi handiarenak ziren, noski. Hortaz, Annie Mine goleta hiru argien eta Lancaster ontziaren artean egon behar zuen. Adi-adi begira egon zen une luze batez, eta berak pentsatu zuen lekuan, hantxe zegoen dizdiz Annie Mineko ainguraren arginoa. Gustu ematen zuen izarren dirdirapean igeri egiteak. Airea ura bezain beroa zen eta hau esne epela bezala zegoen. Ezpainetan kresalaren gazia nabari zuen eta bihotzaren taupada sendo eta konpasatuek bizitzearen plazera sentiarazten zioten. Igerialdi hura bikaina eta istripurik gabea izan zen. Lancaster eta ingeles merkatal ontziaren ondotik igaro zen, laster Annie Minera iristeko. Saihets batetik zintzilika zegoen sokazko zurubi bati heldu, eta ontzi gainera igo zen, txintik atera gabe. Han ez zegoen inor. Sukaldean argia ikusi zuen eta kapitainaren semea izango zela pentsatu zuen, kafea prestatzen, berak egiten baitzuen ainguraren guardia. Alf brankako gaztelura joan zen. Gizonak zurrunka zeuden kamainetan, eta leku estu hartako beroa benetan itogarria iruditu zitzaion. Horregatik, kotoizko alkandora mehe bat jantzi zuen eta mota bereko galtza urdin batzuk. Gero burusi eta burko bat hartu, eta ontzi gainera jo zuen berriro. Lokartzen hasi zenean txalupa baten hotsak esnatu zuen. Goletara zetorren eta aingura-zainari deitzen zion. Polizia zen eta Alfek atsegin-pozez jarraitu zuen elkarrizketa hura. Bai, kapitainaren semeak ezagutzen zituen jantzi haiek. Alf Davisenak ziren, ontzi hartako marinel batenak. Zer gertatu ote zen? Ez, Alf Davis ez zegoen ontzian; lehorrean zen. Lehorrean ez zegoela? Ito egingo zen, hortaz. Ondoren, ofizialak eta kapitainaren semeak batera hitz egiten zuten, eta Alfek ez zuen ezer ulertu. Gero brankara joan eta eskifaia esnatu zutela konturatu zen. Marinelek, erdi-lotan eta haserre, Alf Davis brankako gazteluan ez zegoela esan zuten. Orduan kapitainaren semea haserre bizian jarri zen Yokohamako poliziaren kontra, eta ofizialak bere lege eta erregelak aipatu zituen, erabat ernegaturik. Ustekabean, Alf brankako gazteluan azaldu zen eta eskuak luzatuz esan zuen: — Jantzi hauek nireak dira, inondik ere. Mila esker ontziraino ekartzeagatik. — Ez dakit nolaz ez zaituzten ekarri jantzien barruan— erantsi zuen kapitainaren semeak. Polizia ofizialak ez zuen deus esan, baina halako uzkurtasun batez eman zizkion jantziak jabeari. Biharamunean, Alf lehorrera joateko prestatu zenean, txalupa zaleak keinuka eta oihuka hasi zitzaizkion begirune osoz, denak bera eramateko irrika biziz. Txalupan hartu zuenak ez zion esan “Ordaindu oraintxe”, sarrerakoan ohi zen bezala. Eta kaira irten eta txalupa zaleari hamar yen ordaintzera joan zenean, gizon hark ez zion hartu nahi izan. — Oso ongi! — esan zion —. Zuk ez ordaindu. Zuk ez ordaindu sekula. Zu mutil ausarta zara, eta egina dago. Eta Annie Mine portuan egon zen bitartean, txalupa zaleek ez zioten sosik kobratu Alf Davisi. Bere balentria medio, jendearen mirespena eta portuko joan-etorriak doan egitea lortu zuen. CHRIS FARRINGTON, MARINELIAIOA Nire aberri zaharreko ontzi batean bazeunde, ontzi mutil soila eta marinelen zerbitzari izango zinateke. Eta marinel batek, “Hi mutiko, potiza" deiadar egingo balizu, zu potizaren bila joango zinateke korrika. Eta marinelak, “Hi mutiko, nire botak!” esango balizu, zu botak ekartzera joango zinateke. Orduan gizalegez jokatuko zenuke eta “Bai, jauna” edo “Ez, jauna” esango zenuke sarritan. Baina nola amerikar ontzi batean zabiltzan, marinel batek adina balio duzulakoan zaude. Chris, ene semea, ni marinela izan naiz hogeita bi urtez, eta nik adina balio duzulakoan zaude. Gizajoa! Zu jaio baino lehen ni marinela nintzen eta zu kometekin jolasean ibiltzen zinenerako, nik nire lanbidea menderatua nuen. — Hori bidegabekeria da, Emilio! — esan zuen Chris Farringtonek, ito beharrez minduta. Hamazazpi urteko mutikoa zen, mehea eta liraina. Bere izate osoan arbaso yankien ondarea nabari zitzaion. Aizu — erantzun zion suediar marinelak —, nire izena Mr. Johansen da, eta zu bezalako mukizu batek Emilio soil-soil deitzea ezin daiteke jasan. Hau amerikar ontzi batean gaudelako gertatzen da. — Ba zuk ere Chris soil-soilik deitzen nauzu — eraso zion mutikoak. — Zu mutil koskor bat zara. — Bai, gizon baten lana egiten duen mutil koskorra — erantzun zion Chrisek —. Eta gizon baten lana egiten dudanez gero, badut zuk adina eskubide deitzen zaitudan bezala deitzeko. Denok gara berdinak brankako gaztelu honetan, eta zuk badakizu hori ongi asko. Hain zuzen, San Franciscon bidaia hau egiteko sinatu genuenean, marinel bezala sartu ginen Sophie Sutherland untzian eta ez zen gure artean inolako bereizketarik egin. Ez al ditut nire eginbeharrak bete, ala? Ba al duzu nire aurka ezer esan beharrik? Sekula gertatu al zarete nire lana egin beharrean edota nire partez guardian egon beharrean? — Arrazoi osoa du Chrisek — moztu zuen seko ingeles marinel gazte batek —. Orain arte inork ez du beraren lanean sartu beharrik izan. Gure baldintza beretan sartu zen, eta guk adina balio duela erakutsi du... — Gehiago! — bota zuen Eskozia Berriko gizon batek —. Gutariko batzuk baino gehiago! Foka taldeak harrapatu genituenean, bera izan zen ontziko lemazainik onena. Ni arraunlari bat besterik ez naiz, zu bezalaxe. Eta zu, Emilio Johansen, itsasoan hogeita bi urtez ibili ondoren, zergatik ez zara iritsi lemazain izatera? — Oso traketsa da — esan zuen barrezka ingelesak — eta motelegia gainera. — Horrek ez du zer ikusirik — bota zuen Jurgensen daniarrak, bere adiskide eskandinaviarraren alde jarriz —. Emilio gizona da eta marinel iaioa. Mutikoa, berriz, ez bata ez bestea. Eta horrela jarraitu zuten eztabaidan, arrazaren ohorez batzuk (suediar, norvegiar eta daniarrak) Johansenen alde jarri zirelarik, eta ingeles, kanadar eta estatu batuarrak Chrisen alde. Aurreiritziez gain, arrazoia Chrisen aldetik zegoen, noski. Berak ongi esan zuenez, gizon baten lana egiten zuen besteek bezalaxe. Baina inork ez zuen amore ematen, eta eztabaida sortu zen marinelen artean, brankako gaztelua bi taldetan banatzen zelarik. Sophie Sutherland ontzia fokak ehizatzen ibiltzen zen, San Franciscon erregistratua zegoen, eta Japoniako kostaldean egiten zuen bere lana, Bering itsaso aldean. Beste goleta ontziek bi masta bakarrik zeuzkaten, baina hau ontzidi guztiko handiena zen eta hiru masta zeuzkan. Labur esan, hiru mastako ontzia zen, ederki hornitua eta egin berria. Chris Farringtonek bazekien ongi asko arrazoia bere aldetik zegoela, eta bere eginbeharrak zehatz-mehatz betetzen zituela. Hala ere, egundoko gogoa zeukan halako batean ustekabeko zerbait gerta zedin, horrela erakutsiko baitzuen eskandinaviarren aurrean bera ere marinel trebea zela. Alabaina, ekaitz gogorra zen gau batetan, aingura baten katea biltzen ari zirela, ezker eskuko behatzak mazpildu egin zitzaizkion istripuz. Ez zen haren errua izan. Hala ere, istripu honek itxaropen guztiak erre zizkion, zeren eta ez baitzuen ezer egiterik izan zauriak sendatu arte. Baina, gezurra badirudi ere, istripu honexek eskaini zion hainbeste irrikatzen zuen aukera. Kapitainak laurogei urtetik gora zituen, eta ez zekien ezertxo ere itsasoko arazo eta gorabeherez. Baina bera zen ontziaren jabe eta horregatik zeraman kapitain titulua. Kontramaisua, noski, marinel trebea zen, eta bera zen egiazko kapitaina ere. Eguraldi ona eta ehiza ona batera egokitzen zirenean, txalupak urrutira joaten ziren eta batzuetan ez ziren goletara itzultzen oso berandu arte. Egun hartan, oso eguraldi ona zen ehizarako, baina kontramaisua gero eta kezkatsuago zegoen. Ontzi gainean zebilen urduri eta etengabea zeruertzera begiratzen zuen kataloxaz. Ingurumari guztian ez zen txaluparik ageri. Eguzkia sartu zenean, txopako mastaren gainera bidali zuen Chris, baina handik ere ez zen ezer ikusten. Txalupak urrun zebiltzan nonbait eta gauerdia baino lehen ez ziren itzuliko. Eguerdi ondoan, oso bizkor jaitsi zen barometroa eta ekaitz gogorren bat zetorrela ematen zuen. Kontramaisua eta Chris lanean hasi ziren, ekaitzak nolanahi harrapa ez zitzan. Oihalik gehienak bildu eta barrura sartu zituzten, baita trinketa ere. Lanak bukatu baino lehen iluna zen, eta ilunarekin ekaitza etorri zen. Itsasoa orroaka zebilen eta haize bolada batek egundoko balantza eragin zion Sophie Sutherland ontziari. Berehala zuzendu zen eta kontramaisuak, lema gobernatuz, haizea zetorren aldera eragin zion pixka bat brankari. Chris brankara joan zen, eta haizeak jotzen zuen aldera pasa zuen foke izeneko oihala. Maniobra honen bidez, goletak bira egin zuen, oihal nagusia ere ongi irekia baitzegoen. — Jainkoak anpara ditzala gure txalupak! Hau tifoi haizea da — esan zion kontramaisuak Chrisi gaueko hamaiketan —. Lona gehiegi daukagu. Ahaleginak eginez, bil ezazu pixka bat oihal nagusia. Biok bakarrik gaude, Chris..., eta sukaldaria, noski; baina horrek ez du ezertarako balio (kapitain zaharra ere han zegoen dardaraz, biziari eutsi nahian). Oihala biltzeko jaitsi egin behar zen eta orduan goletak, atzeko presioa galtzean, jauzi egin zuen haizearen eta olatuen indarrez. — Har ezazu lema! — agindu zion kontramaisuak — eta adierazten dizudanean, eman gogor. Haizeari aurpegi emanez jartzen garenean, eutsi bertan. Oihala jasotakoan, berriro bira egingo dugu. Lemari helduta, kontramaisuari begiratzen zion Chrisek eta sukaldari beldurtia brankara joan zen, ilunpetan galtzen zelarik. Sophie Sutherland olatu handien artean zebilen eta zabukada ikaragarriak egiten zituen, haizea txistuka zebilen bitartean. Deiadar bat entzun zuen Chrisek eta orduantxe darrast egin zuen goletak. Oihal nagusia erori zen, hain zuzen ere. Lemari eragiten zion bitartean, haizearen aldaketak eta ontziaren birak segitzen zituen adi-adi. Une larria zen. Haizeak gogor jotzen zuen, eta Sophie Sutherland okertzen eta igotzen hasi zen, gora eta gora, inoiz baino gehiago. Olatu erraldoi haren gandorra gaindituko ote zuen gero? Ez zuen ezer ikusten, baina berriro urezko murru bat altxatzen zela iruditu zitzaion, eta goleta azpian harrapatuko zuela. Barealdi bat izan zen orduan. Sophie bere ohiko egoerara itzuli zen, eta geldi-geldi egon zen une batez. Gero balantza bat egin zuen, izugarrizko kolpea hartu aurretik. Chrisek oihu egin zion kapitainari, bazterren bati heltzeko esanez, bera ere kolpea jasotzeko prestatzen zen bitartean. Uholde batek jo zuen bizkarrean, eta ume koskor bat bezala astindu zuen. Zorabiatuta eta indarrik gabe, ibaiak daraman lastoa bezala sentitzen zen bere baitan. Branka aldera bota zuen olatuak, trinketaren kontra sekulako kolpea ematen ziolarik. Beste olatu bat erori zen eta arrastaka eraman zuen berriro, erdi itorik uzten zuelarik. Odoletan eta erdi sorgorturik, barandaren bila hasi zen itsumustuan, eta zutitzea lortu zuen azkenean. Galduta ikusten zuen ontzia, maniobraren bat egiten ez bazuten. Haizeak txopatik jotzen zuen bete-betean eta berriro bazetorren olatu bat gainera. Hala ere, nekearen nekez, garaiz iritsi zen lemara, kolpea saihesteko. Itsasorratzaren argia piztuta zegoen artean. Salbu ziren! Bera eta goleta, alegia. Bere hiru lagunez ez zekien ezertxo ere. Haien bila joateko lema uztera ere ez zen ausartzen, zeren goletaren posizioa mantentzen baitzuen nahiko lan. Hutsegiterik txikienak betiko hondamendia ekar zezakeen. Horrela bada, ehun eta berrogei libra besterik ez zen mutiko batek hartu zuen berrehun tonako ontziaren ardura, ekaitz ikaragarriaren erdian. Ordu erdi geroago, Chrisen ondoan zegoen kapitaina, negar-zotinka eta zizpuruka. “Galduak gara”, esaten zuen negarrez. Herio-larriak jota zegoen. Sukaldea, oihal nagusia, sukaldaria, dena itsasoan hondatu zen. — Non da kontramaisua? — galdegin zuen Chrisek, estualdi batetik irten eta arnasa hartu zuenean. Izan ere, ez zen ume jolasa halako tifoi batean goleta hura gobernatzea. — Brankan dago, ezertarako gauza ez dela — erantzun zuen agureak —. Lerdea dariola dago, baina arnasa hartzen du oraindik. Bi besoak hautsita omen ditu, eta ez dakit zenbat saihets-hezur. Oso gaizki dago. — Ba itoko da ontzian sartzen den uraz. Zoaz brankara — agindu zion Chrisek agureari, ontziaren ardura bere gain hartuz. Lasai egoteko esaiozu, lemazain nagoela eta. Ahaleginak egin itzazu berari laguntzeko, eta kamaina batetara eraman ezazu. Kapitain zaharrak branka aldera begiratu eta burua astindu zuen lastimaz. Ontziaren erdialdea urez beteta zegoen. Hantxe zegoen herioa, zelatan bezala. — Zoaz azkar! — deiadar egin zion Chrisek. Eta agure beldurtia abiatu zenean, atzetik erantzi zion: — Eta begira ezazu zer gertatu zaion sukaldariari. Bi ordu geroago itzuli zen kapitaina, erdi hilik. Ordenak betetzen ibili zen. Kontramaisua seguru zegoen kamaina batean, baina ezin zitekeen mugi. Sukaldaria, berriz, ez zen inon ageri. Chrisek kabinara joateko esan zion kapitainari, jantziak aldatzera. Neke latzak eta luzeak pasa ondoren, urratu zuen eguna, egun grisa eta hotza. Chrisek bere ingurura begiratu zuen. Sophie Sutherland tifoiaren aurretik zihoan, ziztu bizian. Euririk ez zuen ari, baina haizeak zipriztin handiak harrotzen zituen uretan, oso hurbilean ez zegoen guztia lausotuz.Chrisek bi olatu tzar ikusten zituen: bata aurrean eta bestea atzean. Pazifiko itsaso haserre eta asaldatu hartan, gora eta behera zebilen goleta koskorra. Egia esan, urezko mendi tzar haien artean barakuilu maskor bat ematen zuen, olatu zakarren konpasean zalapartaka. Halako batean, ontziaren eskuinaldean, sukaldaria ikusi zuen Chrisek, mamu baten antzera uretan murgiltzen. Oraindik beste hiru orduz ibili zen Chris haize eta olatuekin borrokan, ontzia zutik mantendu beharrez. Zurrunbilo hartan, ahaztu ere egin zitzaizkion bere behatz zaurituak. Loturak galduak zituen eta kresal hotzak bere zauri erdi itxiak hortzikatu zizkion. Hala ere, ez zuen hotzik. Ahulduta, baina izerdi patsetan zebilen. Une hartan, pozik hartu zuen kapitaina, txokolate libra batekin etorri zitzaionean. Mokadu harekin, berehala indarberritu zen. Eguerdi inguruan, baretzen hasi zen ekaitza eta arratsaldeko seiak aldean lema uzteko moduan zegoen itsasoa. Egia esan, fokak harrapatzera joandako txalupa txiki haiek salbatuko ziren itxaropenik ez zegoen, baina badaezpada ere ibilitako eskualdera joan zen Chris. Haize gogorra zegoen artean. Eta hantxe pasa zuen gau osoa atzera eta aurrera, bazterrak miatzen. Kontramaisu zauritua korderik gabe zegoen, burua galduta. Kapitain zaharra, berriz, han ibili zen gau guztian, gaixoa zaindu eta Chrisi lagundu. Hala esan ohi zuen Chrisek gero: “gau hartan, bidaia guztian baino gehiago ikasi nuen nabigatzen”. Argia urratu zuenean, ordea, agureak ezin zuen gehiago, eta lozorroan geratu zen. Chrisek burusi batzuk jarri zizkion gainean, eta gero sukaldera jaitsi zen janari bila. Egia esateko, bera ere akituta zegoen erabat, biharamunean lema ondoan lokartu zen, noizean behin esnatu eta inguruan begirada bat botatzen zuelarik. Hirugarren eguneko arratsaldez goleta desarbolatu bat topatu zuen, erabat arrakalaturik. Jende pila handi samarra sumatzen zuen ontzi gainean, eta bertaraino hurbildu zenean, bere lagunen aurpegiak ikusi zituen, beste batzuen artean. Hura zen hala beharra, hura! Hain zuzen, orduantxe zebiltzan azkenetan, hil ala bizi ontzi zaharrean. Ordubete geroago, Sophie Sutherland ontzian ziren denak, beste ontzi zaharra ondora joan zen bitartean. Chrisen lagunak beren goletatik urrun samar joan ziren, eta ekaitza lehertu baino lehen, ontzi ezezagun hartan babestu ziren. Kanadako ontzia zen, foka ehizan ibiltzen zena. Huraxe zuen lehen bidaia, eta bera izan zen azkena ere. Hurrengo egunean, goizeko guardian marinel guztiak ontzi gainean zeudela, Emilio Johansen kapitaina Chrisengana joan zen eta eskua eman zion. Eta gero, denek entzuteko moduan esan zion: — Chris, zure eskutan jartzen naiz. Bejondeizula! Ni bezain marinel ona zara. Mutil ausarta eta marinel iaioa zara benetan. Harro sentitzen naiz zutaz... Eta gainera, Chris — esan zion atzera itzuliz, zerbait ahaztu balitzaio bezala —, hemendik aurrera “Emilio” deituko nauzu soil-soilik, “jauna” erantsi gabe. ISILEKO EHIZTARIAREN HONDAMENDIA Baina ez pentsa haiek horrelako aitzakiarik onartuko dutenik. Marra pasa duzue eta aski da. Preso hartu eta Siberian sartuko zaituzte, gatz meatzetara eramateko. Eta Osaba Sami dagokionez, nola jakingo du gorabehera honen berri? Estatu Batuetan ez da sekula egiarik jakingo. Egunkariek zera zabalduko dute: “Mary Thomas ontzia bere eskifai guztiarekin galdu da tifoialdi batean, Japonia aldeko uretan zebilela”. Hauxe zabalduko dute egunkariek eta kito. Zuek Siberiako gatz meatzetara joango zarete. Munduarentzat, ahaide eta adiskideentzat hilak izango zarete, nahiz eta berrogeita hamar urte bizi. Honela adierazten zuen egoera John Lewis ospetsuak. “Itsasoko abokatua” deitzen zioten. Une larria zen Mary Thomasen brankako gazteluan zeudenentzat. Beheko guardiak eta ontzi gainekoak elkarrekin hizketan ari ziren. Haizerik ez zegoenez, marinel guziak lanik gabe zeuden, lemazaina izan ezik, eta berau ere diziplina ez haustearren zegoen bere tokian. Bub Russell ontzi mutila ere brankan zegoen, zer gertatzen zen jakiteko egarriz. Une larria zen benetan. Hala adierazten zuten behintzat marinelen aurpegiek. Aurreko hiru hilabeteetan, Mary Thomas ontzia Japoniako kostaldean eta Beringeko itsasoaren iparraldean ibilia zen ehizan, fokak harrapatzen. Baina Ozeanoaren Asiako partean, aurrera egin ezinik aurkitu ziren, zeren eta errusiar kruzeroak baitzebiltzan handik bazterrak zaintzen, eskualde hartan fokak eragozpenik gabe ugaritu zitezen. Beraz, leku hura debekatua zen. Aurreko astean, itsasoa bare-bare zegoela, laino itxi baten mendean harrapatuta geratu zen ontzia. Harrez gero, lainoa bere hartan zegoen, eta haizerik apenas nabari zen. Hala ere, ezbeharra ez zetorren hortik, zeren eta ehiztariek ez baitute presarik izaten, foka-taldeen artean dauden bitartean. Baina leku hartan itsas korronteak ipar aldera eragiten zien eta hortxe zegoen okerra. Horregatik, hain zuzen, Mary Thomasek mugako marra igaro zuen konturatzeke, eta gero eta gehiago ur arriskutsuetan barrena zihoan, hantxe baitzegoen zelatan Errusiako hartza. Inork ez zekien zehatz-mehatz non zeuden. Astebetez ez eguzkirik eta ez izarrik ez zuten ikusi, eta kapitainak ezin zuen zehaztu ontziaren kokapena zein zen. Nolanahi ere, une batetik bestera kruzero bat azal zitekeen bertan eta eskifai guztia preso harturik Siberiara eraman. Mary Thomaseko marinelek bazekiten ongi aski nolako zorte txarra izan zuten beste ehiztari batzuk, eta horrexegatik zeuden hain kezkaturik. — Ene adiskideok — esan zuen lemazain alemaniar batek —, hau negozio kaxkarra da. Hain zuzen, lege osoz ehiza on bat egin orduko, ezbeharren bat sortzen da, eta orduan errusiarrak azaltzen dira, larruak eta ontzia harrapatu eta Siberiara bidaltzen gaituzte denok. A zer nolako atarramendua! — Bai, horrexek ematen du min — jarraitu zuen “itsasoko abokatuak” —. Badauzkagu mila eta bostehun larru gatzetan, denak legez atzemanak, etekin ederra ateratzeko moduan. Eta orain harrapatu eta ken diezagutela dena! Hori ondo legoke debekatutako eremuan ehizatu bagenitu, baina ur libreetan ibili garenez … — Inolako kalterik egin ez badugu, ez digute ezer egingo ala? — galdegin zuen Budek. — Ez zait batere ongi iruditzen zu bezalako mutiko bat jende helduen solasean sartzea — kexatu zen marinel ingeles batek, bere kamaina ertzetik. — Hara, eskubide osoa du, Jack! — erantzun zuen “itsasoko abokatuak” —. Ez al dago, gu bezalaxe, bere irabaziak galtzeko arriskuan? — Nik ez nituzke hiru penike eskainiko larru horien truke — esan zuen Jackek, bafada bat eginez. Kobratzen zuenean, bere herrira joateko asmoa zuen, familia ikustera, eta orain oso umore txarrez zegoen, irabaziak ez ezik askatasuna ere galduko ote zuen beldurrez. — Nola jakingo duten? — ebaki zuen “itsasoko abokatuak”, Buben galdera bati erantzunez — Ur debekatuetan gaude, eta bodegan mila eta bostehun larru dauzkagu. Nola jakingo dute haiek itsaso librean ala galarazitako eremuan harrapatu ditugun? Demagun gizon bat patrikak sagarrez beteta harrapatzen duzula. Zer pentsatuko zenuke zuk, inguru hartara haizeak eraman duela esango balizu, eta sagar haiek beste zuhaitz batekoak direla?... Konparazio honen bidez, Bubek berehala ulertu zuen auzia eta etsipenez bezala, burua mugitu zuen. — Nahiago nuke hiltzea Siberiara joatea baino— esan zuen arraunlari batek —. Gatz meatzetara eramaten zaituzte, eta akabatu arte lanean edukitzen zaituzte. Han sartzen bazara, ez duzu gehiago eguzki errainurik ikusiko. Are gehiago: gizon bat beste lagun bati lotuta omen zegoen, eta hau hilzean, lotuta jarraitu omen zuten. Eta zilarbizi meatzetara bidaltzen bazaituzte, berriz, lerdea darizula hilko zara. Nahiago dut urkamendia horrela hiltzea baino. — Zer esan nahi du lerdea dariola hiltzeak? — Galdegin zuen Jackek, kamainan esertzen zen bitartean. — Ba zilarbizia odolean sartzen dela, alegia. Horrela izan behar du nolabait. Oiak handitu egiten dira, eta, are okerrago, hortzak beren lekutik erori. Gero ultzera latzak sortzen dira eta oinaze ikaragarritan hiltzen da. Gizonik indartsuenak ere ez du luzaroan irauten merkurio meategietan. — Hau duk atarramendua hau! — esan zuen berriro lemazainak —. Hau duk atarramendua! Nahiago nikek Yokohaman banengo. E, zer izan da hori? Ontziak alde batera egin zuen bat-batean eta gainaldea okertuta zegoen. Burruntzali txiki bat erori zen. Oihalak zaflaka zebiltzan eta trinketeko soka kolpeka. Gero bigarren buruzagiaren ahotsa entzun zen: “Ontzi-gainera denok, itsasora abiatzeko!” Inoiz ez zitzaion horrelako agindu bati hain kartsuki erantzun. Itsaso barea bukatua zen. Haizea sortu zen, Hegoaldera eramango zituen haizea, salbazioa zekarren haizea. Denak ontzi- gainera irten ziren, bozkarioz saltoka. Presaka batean oihalak altxa zituzten. Horretan ari zirela, lainoa goraka hasi zen eta ortzi beltz ederra izarrez jantzita azaldu zitzaien. Dena prest zegoen abiatzeko eta Mary Thomas saihets baten gainean okertu zen, itsas haizeak bultzaturik, eta branka hegoaldera jartzen zuela. — Ontzi baten argiak brankaren ababorrean, jauna! — oihu egin zuen begiraleak brankako gaztelu muturretik. Dei larria ematen zuen. Kapitainak gaueko kataloxen bila bidali zuen Bub behera. Denak haize-gerizan bildu ziren susmo txarreko ontzia begiztatzeko. Ozta-ozta sumatzen zen urrunean, gandu artean bezala. Ur haietan ibiltzeko, errusiar kruzeroren bat izango zen seguru aski. Kapitaina kataloxekin begira zegoen artean, eta atzerritar ontziaren saihetsetik sugarrak irten ziren eta ondoren danbada sendo bat. Susmo txarrak egiaztatzen hasi ziren. Mugazain zebilen ontzi bat zen, eta Mary Thomasen brankara disparatu zuen, bira eginarazteko. — Heldu gogor lemari! — agindu zion kapitainak lemazainari, herio batean. Eta gero eskifaiari ekin zion: — Bota atzera trinketea eta fokea! Eraitsi kontra fokea! Bildu trinketeko oihala! Etorri txopara, askatu kordel handia! Mary Thomas haizeari begira jarri zen. Abiadura galdu zuen, eta alde batera okertzen hasi zen Mendebaldetik zetozen olatuekin. Kruzeroa gehixeago hurbildu zen, eta txalupa bat eraitsi zuen. Marinelek isilik eta izuturik zeuden. Txalupa uretara jaisten ikusi zuten eta gizonak bertan sartzen. Ofizialeen aginduak ere entzun zituzten, eta orduan txalupa beraiengana abiatu zen arraunketan. Haizea sortu zen eta itsasoa zakarregia zegoen txalupa arin hura goletaren ondora hurbiltzeko. Baina une egoki bat aprobetxatuz eta soka batzuen bidez, Mary Thomas ontzi gainera igo ziren ofiziale bat eta beste bi gizon. Txalupa urrundu egin zen berriro segurtasun bila, eta arraunak bildu zituzten, guardia batek txopan eserita lemari eusten zion bitartean. Uniformean ageri zuenez, ontzira igo zen ofiziala errusiar armadako bigarren tenientea zen, eta Mary Thomaseko kapitainarekin ontziaren paperak aztertzera joan zen barrura. Minutu batzuen ondoan agertu zen berriro eta marinelek bidea libratu ziotelarik, bodegara pasa zen linterna batekin, gatzetan zeuden larruak ikustera. Pila ederra topatu zuen: mila eta bostehun larr u berri, hain zuzen ere. Huraxe zen denboraldi hartan harrapaturiko guztia, eta itxura guzien arabera, ondorena garbi zegoen. — Damu dut benetan — esan zion goleta ontziko kapitainari —, baina nire eginbeharra zure ontzia bahitzea da, zeren eta larruz berriz zamaturik atzeman baitut debekaturiko eremu batean. Dakikezuenez, bahiketa eta kartzelamendua da zuen zigorra. Mary Thomaseko kapitainak axolagabearena egin, eta buelta eman zuen, pixka bat urrunduz. Gizon bulartsuak, nahiz eta kanpora ez azaldu, ia malkotan egon ohi dira, merezi gabeko ezbeharren bat suertatzen zaienean. Une hartan, hain zuzen, Californiako bere etxetxoa etorri zitzaion gogora, bere emazte eta bi umeekin, eta bihotzondoko zirrara sentitu zuen, zintzurretik gora zetorkiola. Gainera, ontziko gizonen erantzukizuna bere esku zegoen. Marinelen aurrean ez zeukan kikilduta azaltzerik, berak izan behar baitzuen euskarri sendoa ezbeharrean. Bestalde, bigarren tenienteari azalpen guztiak eman zizkion, eta bazekien egoera oso larria zela. “Itsasoko abokatuak” esan bezala, itxura guztiak bere aurka zeuden. Ez zegoen zer eginik. Horrela bada, txopara joan eta paseatzen hasi zen aginpiderik ez zuen ontzi hartan. Errusiar ofizialak hartu zuen aldi baterako ontziaren ardura. Bere gizon batzuei etortzeko esan zien, eta oihal guztiak bildu eta tolestatzeko. Hori egiten zuten bitartean, txalupa ontzi batetik bestera zebilen, eta soka lodi bat pasa zuten, bi ontziak elkarrekin lotuz. Bien bitartean, ehiztariak taldean bildurik zeuden, eta marmarrean ari ziren ahopetik. Lana egin ondoren, txalupara itzultzeko agindu zien tenienteak bere gizonei, lau goletan gelditzen zirelarik. Orduan itsas guardia bat igo zen untzira, bere uniforme eta ezpatarekin, eta atzemandako goletaren gobernua hartu zuen. Tenientea abiatzera zihoala, Bubekin topo egin zuen halabeharrez. Ezer abisatu gabe, besotik heldu zion eta baranda gainetik pasaraziz, zain zegoen txalupan sartu zuen, eta agur keinu bat eginez, atzetik joan zen bera ere. Ustekabeko jokaera haren aurrean, Bub beldurrez zegoen. Lehen ere istorio lazgarriak entzunak zituen errusiarrei buruz, eta oraingo honetan begi bistan zeuzkan. Errusiaren mende preso gelditzea nahiko zoritxarra zen, baina bere lagunetatik aparte joan beharra ez zen batere hobea. – Bub, ongi porta zaitez — oihu egin zion kapitainak, txalupa Mary Thomasen ondotik aienatu zenean — eta esan egia. — Bai, jauna, bai — erantzun zuen bipilki, itxurak eginez. Bubek arrazaren harrotasuna sentitzen zuen bere baitan, eta lotsa ematen zion etsai haiek, hots, errusiar hartz anker haiek, koldartzat har zezaten. — Eta gizalegez joka ezazu — erantsi zuen lemazain alemaniarrak, bere ahots zakarra itsas orroaren gainetik entzuten zela. Bubek eskua jasoz agurtu zituen bere lagunak, eta hauek goraka erantzun zioten. Txopan eseri zen, bertatik tenientea ikusten zuelarik. Nolanahi ere, ez zitzaion oso basatia iruditzen. Beste gizon askoren antzekoa zen, eta marinelak ere gerrako marinel gehienen itxurakoak. Alabaina, oinpean kruzeroaren altzairua sentitu zuenean, kartzela batean zegoela iruditu zitzaion. Lehenengotik inork ez zion begiratu. Marinelek txalupa goratu eta zutikoetan zintzilikatu zuten. Gero tximinietatik ke mordo beltzak irten ziren eta... Siberiarantz abiatu ziren. Hala uste zuen behintzat Bubek. Bat-batean Mary Thomas ere galdu zuen bistatik. Ikuspegi triste haren aurrean, begiak lausotuta gelditu zen Bub gizajoa. Baina orduantxe bertan tenientea etorri zitzaion eta komandantearengana eraman zuen. Bubek munduko gauzarik arruntena bezala hartu zuen pasadizo hura, astero Siberiara joaten ohiturik balego bezala. Komandantearen kabinak jauregi bat zirudien Mary Thomaseko gela xumeekin alderaturik. Eta Komandantea bera ere, urrezko galoiz eta itxura handiz jantzirik, pertsonaia ospetsua gertatzen zen, goletako buruzagi sotilaren aldean. Laster jakin zuen Bubek kruzerora zergatik eraman zuten, eta ondoren egin zioten galdeketa luzean egia soila besterik ez zuen esan. Egiak ez zion kalterik ekarriko, eta gezur batek, berriz, dena honda zezakeen. Gainera, berak ez zekien gauza handirik, jakin ere. Alegia, hegoaldeko ur libreetan ibili zirela ehizan, eta laino itxia etorri zenean, mugako marra pasa zutela konturatu gabe. Behin eta berriro esan zien, ur debekatuetan egon ziren astean ez zutela txaluparik eraitsi, ezta foka bat harrapatu ere. Baina komandanteak dena gezurtzat jo zuen, eta harroxko jarri zen, mutila kikildu nahian. Batzuetan mehatxu eta bestetan losintxa egiten zion, baina bere maltzurkeria guztia ezerezean gelditu zen Buben jatortasuna ikustean, eta azkenik irteteko agindu zion. Baina, konturatu gabe, noski, mutilari ez zioten begiralerik jarri, eta Bub ontzi gainean zebilen batetik bestera. Noizean behin, handik pasatzen ziren marinelek ikusmiraz begiratzen zioten, baina gainerakoan bere gisa uzten zuten erabat. Gizon txikia zen eta ez zuen atentziorik erakartzen. Gainera, gaua oso iluna zen eta ontzi gaineko guardia bere arazoetan zebilen. Estropezu batzuk eginez, txopara iritsi zen, eta handik Mary Thomasen argiak ikusi zituen. Begira eta pentsakor egon zen une luze batez, eta gero etzan egin zen kruzerotik Mary Thomas goletara zihoan soka lodiaren ondoan. Halako batean ofizial bat azaldu zen handik soka ongi zegoen ikustera, baina Bub kuzkurtu egin zen ilunpetan. Orduan ideia bat bururatu zitzaion. Zerbait egin beharra zegoen. Hogeita bi lagunen bizia eta askatasuna zegoen jokoan eta ongi irteten bazitzaion, familia zoriontsu batzuen nahigabea uxatuko zuen. Lehenik — pentsatzen zuen berak —, eskifaiak ez zuen inolako krimenik egin eta, hala ere, Siberiara gatibu hartuta zaramatzaten gupidarik gabe. Hori, noski, bizirik lurpean sartzea bezalatsu zen. Horretaz gain, berak ez zuen ihes egiteko esperantzarik, baina Mary Thomasen zeuden hogeita bi lagunek bazuten ihesbiderik. Eragozpen bakarra soka lodia zen, bi ontziak lotzen zituen soka hura. Noski, goletako lagunak ez ziren ausartzen mutur hartan soka moztera, zeren errusiarrek begiraleak jarriak izango baitzituzten. Ah, baina hemengo muturrean besterik zen... Bubek ez zuen gehiago pentsatu. Arrastaka sokaren ondoraino joan zen, eta labana batez lanari ekin zion. Labanaren ahoa ez zegoen batere zorrotza, eta banan-banan ebaki zituen sokaren hariak. Bien bitartean, gero eta beldurgarriago azaltzen zitzaion Siberian jasan beharko zuen desterrua. Izan ere, horrelako zorte txarra bakarrik eraman beharra benetan izugarria zen. Eta, zalantzarik gabe, orain egiten ari zen azioak zigor gogorragoa ekarriko zion. Pentsamendu hauetan zebilela, pauso-hotsak entzun zituen eta ezkutatu egin zen. Ofizial bat zen. Bera lanean aritu zen lekuan egon zen, baina ez zion sokari begiratu. Atzemandako goletari begira egon zen une batez, eta branka aldera joan zen berriro.Huraxe zen aukera! Bub lehengo tokira joan eta soka ebakitzen jarraiki zen. Gutxi falta zitzaion oraintxe. Eman eta eman, zas!, amore eman zuen sokak. Bub ez zen mugitu eta adi-adi jarri zen, bihotza pilpirez zuela. Inor ez zen enteratu kruzeroan. Mary Thomasen argiak lausotzen ari zirela sumatu zuen. Urruntzen ari zen seinalea. Gero alertazko oihu bat etorri zen goletatik, bertako errusiarrek egina. Baina ez zuen inork aditu kruzeroan. Tximinietatik borborrean irteten zen kea, eta kruzeroaren motorrak taupada sendoz ari ziren. Zer gertatzen ote zen Mary Thomasen? Bubek asma halako gogoetak egin zituen. Gauza bat zekien ziur: bere lagunak irmo mantenduko zirela, eta aise menderatuko zituztela lau gizonak eta guardia. Minutu batzuk geroago, sugarrak ageri ziren goletan. Belarriak erne jarri zituen eta pistola baten tiro-hotsa entzun zuen. Orduan, hura poza!, argi gorri berdea desagertu egin zen bat-batean. Mary Thomas aske eta salbu zen. Ofiziale bat txopa aldera abiatu zen eta Bub brankara joan eta txalupa batean ezkutatu zen. Bazen ordua. Azkenean, alarma jo zuten. Oihu batzuk entzun ziren, aginduak emanez. Kruzeroak darrast egin zuen. Argigailu indartsu batekin, goletaren bila hasi ziren ingurumarian, baina ez zen inon ageri. Bub laster lokartu zen eta ez zen esnatu egunsentia argitzen hasi arte. Makina hotsa betikoa zen eta ur palastadak entzuten zituen. Ontzigaina garbitzen ari ziren seinalea. Ingurura begiratu eta Ozeano erdian zeudela konturatu zen. Dena dela, Mary Thomas ihes egina zen. Burua altxa zuenean, marinelek barre algaraz agurtu zuten. Eta itzalera eraman zuen ofizialak ere ezin zuen barregura erabat disimulatu. Hurrengo egunetan giltzapean egon zen Bub eta sarritan pentsatu zuen bere baitan, ez zeudela oso haserretuta berarekin, egin zuena egin ondoren. Ez zebilen oso oker. Gizakiaren bihotzondoan bada berezko jatortasun bat balentriak ederresteko, nahiz eta arerio batek eginak izan. Eta errusiarrak ez ziren, inolaz ere, besteak ez bezalakoak. Hori bai, mutiko batek burla egin zien, baina ez zeukaten horregatik errietan egiterik, eta orain berarekin zer egin ez zekitela zeuden. Izan ere, zer egiten zuten mutiko bat eramatearekin, ihes egin zien ontzi osoaren izenean?Gauzak horrela, bi aste geroago, errusiar kruzero batek Estatu Batuetako gerraontzi bat gerarazi zuen, berau Vladivostokeko portutik irteten ari zela. Txalupa bat joan zen kruzerotik ontziraino, eta mutiko bat, baranda gainetik jauzi eginez, amerikar untzira igo zen. Astebete geroago, Hakodaten lehorreratu zen, eta telegrama batzuen bidez gauzak konpondu ondoren, Yokohamara trenez joateko txartela ordaindu zioten. Geltokian jaitsi orduko, portura abiatu zen korrika kaleetan zehar. Han txalupa bat alokatu zuen, oso ezaguna egiten zitzaion ontzi batera eraman zezan. Oihalak zabalik zeuzkan eta orduantxe zegoen Estatu Batuetarantz abiatzekotan. Gehixeago hurbildu zenean, marinel batzuk ikusi zituen brankako gaztelu gainean saltoka. — Ontzi yanki bat dator ibaitik — ari zen kantatzen “itsasoko abokatua”, ainguraren konpasean. — Boga, boga marinelak — erantzuten zuten besteek, kantuaren konpasean gorputzak makurtu eta jasoz. Bub txalupa zaleari ordaindu, eta untzira igo zen. Txaloka eta aupadaka hartu zuten marinel guztiek. Arnas baretu baino lehen, kapitaina besarkatzen ari zen ontzi-mutila, lagunak inguruan zituela eta segundo batean galdera pila bati erantzun beharrez. Biharamunean, goleta bat iritsi zen Japoniako herrixka batera eta bertan lau marinel eta itsas guardia gazte bat utzi ondoren, itsasora irten zen berriro. Gizonok ez zuten ingelesez hitz egiten, baina dirurik asko bazutenez, eragozpen handirik gabe laster ziren Yokohaman. Harrez gero, Japoniako herrixka hartako jendeak ez du ezertxo ere jakin gizon haietaz. Eta badira misterioren bat ote zen sinetsirik daudenak ere. Nola errusiar gobernuak ez duen sekula gertaera honen berri eman, Estatu Batuek ere apenas ezagutzen duten isileko ehiztariaren hondamendia, eta, horrexegatik, ofizialki behintzat, ez dute inoiz aztertu nola demontre amerikar batzuk Tzar handiaren meneko batzuei iseka egin zieten. Esan nahi baita, nazioek ere badituztela beren sekretuak.
AURKIBIDEA ILUNTASUNAREN ARGIA KANTUKA LOREA KARIBE ETXEA REMEDIOS GERANIOAK OROIMENEKO HERRIA ILUNTASUNAREN ARGIA Maite ditut(…) Behin baino gehiagotan egia esaten ez dutenak. Jakinaren gainean legeak apurtzen dituztenak. (…) Gorrotatzen ditut(…) Gezur ederrak badaudela inoiz jakingo ez dutenak. Eta mundu honetan bizi diren errugabeak oro . Luigi Anselmi Etxeko atea zabaldu nuen, egunean hogei bat aldiz zabaldu eta itxi egiten dena. Akaso, gehiagotan. Beno, egia esan, ez dut hori inoiz zenbatu. Eta, gainera, ez dauka garrantzirik. Garrantzizkoa da, gehienetan, nik zabaltzen dudala atea, eta besteek itxi egiten dutela. Nik barrutik zabaltzen dut, beti egoten naizelako etxean. Besteek ixten dute, kanpora joaten direlako, badaukatelako nora joan. Nik, ordea, badaukat non egon. Etxeko atea zabaldu nuen, beti bezala, aparteko ezer espero gabe. Nire ahizpa lanetik etortzeko ordua zen, eta hura espero nuen. Betiko orduan, betiko pertsona. Horrelakoa zen gure ̶ edo zehatzago esanda, nire ̶̶ bizimodua. Etxekoon ordutegiak eta joan beharrak ondo baino hobeto ezagutzen nituen, bakoitzaren urratsen erritmoa eta zapaltzeko modua. Berbarik egin gabe ere, mugitzen ziren moduagatik asma nezakeen zein zen haien unean uneko aldartea. Etxeko atea zabaldu nuen, eta ordura arte ikusi gabeko irribarre zabal batek goitik behera astindu, aztoratu ninduen. Erdi lotsatuta sartu zen gure etxean. Ez zuen ezer esan, hasieran. Nire ahizparen atzetik, nire ahizparen eskutik, zihoan korridorean barrena. Biak eskutik helduta. Nik, haien atzetik, barrutik, etxeko atea itxi nuen. Egongelan gelditu ziren une labur batez, ni iritsi arte. Orduan, Ziortzak esan zidan “hau Xabi da”, eta Xabiri esan zion “hau nire ahizpa da, Miren”. Ziortza bere gelara abiatu zen. Xabi eta biok aurrez aurre gelditu ginen, zer esan asmatu ezinik. “Afaria dugu Xabiren lagun batzuen etxean, eta berandu helduko naiz” esan zuen gelatik Ziortzak ahotsa dezente goratuz. Xabik, bitartean, irribarre zoragarri hari eusten zion. Ziortza inoiz baino ederrago azaldu zen eta, orduan ere, eskutik heldu zion Xabiri. “Agur, Mirentxo” esan zidan Ziortzak. Ateraino lagundu nien. “Hurrengo batera arte” esan zidan Xabik. Horiek izan ziren luzatu zizkidan lehenengo hitzak. Atea ireki nien, eta haiek, kanpotik, itxi egin zuten. Etxean gelditu nintzen. Bakarrik. Argia itzali nuen, eta telebista piztu. Nire ohiko iluntasunera itzuli nintzen. Saio gogaikarri bat ikusi nuen. Ez nuen beste ezer egiteko gogorik. Horrela gelditu nintzen afaltzeko ordura arte. Gurasoak kaletik heldu arte. Amak arte-galeria bat zeukan, ezkondu baino lehen jarritakoa, gure hirian izena lortu zuena. Amak edertasunarekin egiten zuen lan: edertasuna saldu eta erosi. Edertasunera ohituta zegoen. Artea, letra larriz idazten zen artea, zen bere mundua. Bera ere ederra zen, horrelako lan baterako propio jaiotakoa, nahiz eta, orain, azalean denborak arrasto gupidagabea zizelatu zion. Ederra eta azkarra zen, jendetasunaren jabe, atsegina, interesgarria, dotorea… Nirekin zerikusirik ez zuena. Ni, berarengandik jaiotako hori, itsusitasunaren gauzatzea nintzen. Itsusitasunaren zigorra neraman. Oraindik, biziki gogoratzen ditut eskola-sasoian jasan nituen burlak, aurpegira botatzen zizkidaten irainak, jolastorduetako bakardadea, lagunik gabeko nerabezaroa, adiskidetasunaren berotasuna ezagutu gabeko hazkuntza, amaren tristura, ahizparen lotsa, eta nire betiko etsipen garratza. Nire ikasgelako neskak lerdentzen eta edertzen hasi zirenean, nire zangoak gero eta trauskilago bihurtzen ari ziren, motz eta izugarri sendo. Jesarleku arruntetan jartzea arazoa zen niretzat, eta lortzen banuen, hankak eskegita gelditzen zitzaizkidan, lau edo bost urteko umeen antzera. Burua izan zen hazi zitzaidan bakarra, baina hura ere neurritik kanpo, handiegia nire gorputz desorekatuarentzat. Eskolatik etxera eta etxetik eskolara nindoanean, jendeak buruari buelta ematen zion ni pasatu ostean; batzuetan “ze pena” eta horrelako adierazpen mingarriak entzuten nituen. Bakarrik egiten nituen egin beharreko kale-osterak, ez nuen nahi ahizparentzat zama izan, ez nion estutasunik sortu nahi, ez berari ezta beste inori ere. Horrek guztiak indartsu egin ninduen, baina aldi berean barnerakoi eta bakarti. Asteburuetan, ikasten eta ikasten ematen nuen denbora. Nire neurri gabeko buruari etekina ateratzen ahalegintzen nintzen, eta azterketen emaitzetatik hasi nintzen poztasuna zer izan daitekeen antzematen. Horregatik, hasi nintzen gero eta gutxiagotan kalera irteten; izan ere, ez neukan nora joan, ezta norekin ibili ere. Zorioneko batxilergoa bukatu nuenean, gurasoei esan nien ez nuela unibertsitatera joateko kemenik. Ezin niola jende ezezagun pilo bati aurre egin, ezin nuela erruki-irribarre gehiago sufritu. Amak, kosta lain kosta konbentzitu nahi ninduen; ahal zuen guztietan, asko balio nuela esaten zidan, adimen izugarria nuela, ikasteko erraztasun hori aprobetxatu egin behar nuela, unibertsitatean nire lekua aurkituko nuela, agian lagunak ere egingo nituela. Aitari, baina, aurpegiera iluntzen zitzaion. Hitzik ez zitzaion irteten, eta, eskutik heltzen zidan ezer esan gabe, xamur eta estu. UNEDen Filosofia ikasteko matrikulatu nintzen. Etxean ikasiko nuen; liburuak erosi, eta etxetik ikasi; bakarrik eta lasai. Azterketa-egunetan baino ez nuen joan beharko. Etxetik irten gabe bizi nahi nuen, nire gotorlekuan, ezberdina izatea inork uste baino zamatsuagoa baita. Hasieran, nire erabakia tristuraz hartu zuten familiakoek. Animatu nahi ninduten, aurrera egiten lagundu nahi zidaten. Kosta zitzaien nire etsipena, nire amore emate hori onartzea, baina hamazortzi urterako bihotza ubelduraz eta orbainez josia nuen, gaizki josia, gainera; eta gutxi behar izaten nuen zauriak zabaldu eta odoletan hasteko. Ziortzak kontatzen zizkidan bere eguneroko joan-etorriak, bere arazoak eta pozak, lagunekin izaten zituen eztabaidak eta, beranduago, parranda-gauetako gorabeherak. Gazte-sasoirik ezagutu ez nuen arren, Ziortzaren gaztaroa bizi izan nuen urratsez urrats, bertatik bertara, neurea bailitzan. Maitasunaren nolakotasuna eta indarra, ahizparen eskarmentuetatik ezagutu eta bizi izan nituen, Ziortzaren mutil-lagunak —neurri batean, noski— nire maitasun-istorioak ere baziren. Nire ahizpa maitemintzen zen bakoitzean, mutil batekiko lilura adierazten zidanetan, ni ere txundituta gelditzen nintzen, Ziortza baitzen benetako munduarekin nuen lotura bakarra, eta Ziortzaren bizipenetatik ikusten nuen etxetik kanpoko guztia. Ziortza amaren modukoa zen: ederra eta azkarra. Ez zitzaion, baina, ikastea asko gustatzen, eta tirriki-barraka amaitu zituen batxilergoko ikasketak. Gurasoek nahi izan zuten hura unibertsitatean ahalegintzea, baina alferrikakoa izan zen. Arropa-denda bat jarri zuen gurasoen laguntzaz, eta bertan arropa ausartak eta berritzaileak saltzen zituen. Gustatzen zitzaidan goizetan nire ahizpa ikustea, txarolezko botak eta minigonak jantzita. Atsegin nituen haren distira eta edertasuna. Ziortza maite nuen, bekaizkeriarik gabe, benetan eta zintzo; hura baitzen nire bizitzaren parterik alaiena. Etxeko atea zabaldu, eta Xabi ikusi nuenetik, haren irribarrea ezin nuen burutik uxatu. Orduak ematen nituen ametsetan: inoiz gauzatuko ez ziren elkarrizketak asmatzen, hartaz eta hortaz hitz egiten, berarekin eskutik helduta paseatzen, bazkaldu ostean kafe bat hartzen, hau da, bikoteek edozein egunetan egiten zutena egiten. Ziortzak Xabiren inguruan kontatzen zizkidan txutxu-mutxuei protagonistetako bat aldatzen nien, eta ni neu jartzen nintzen nire ahizparen ordez. Betiere, ni itxurosoago bat: luzatu egiten nintzen, liraindu, orekatu, edertu, normaldu. Nik ez nion inoiz aitortu Ziortzari zer burutazio nerabilen, nora joaten zitzaizkidan pentsamenduak, nola lortzen nuen zoriontasunaren izpi makal batzuk antzematea, nola egiten nion ihes nire errealitate zurrun eta ilunari. Ez nuen uste hori jakiteak on egingo zionik. Iluntze askotan, ia-ia egunero, atea zabaltzen nien. Ziortza aldatu bitartean, nire ametsetan bezala, Xabirekin mintzatzen nintzen. Edozein gai zen egoki gure elkarrizketen hizpide izateko, barre ere egiten genuen, gero eta gehiagotan. Ahizpak, askotan, ez zuen presarik hartzen, eta gure solasaldiak luzatu egiten ziren. Xabi mutil argia zen, iritzi sendokoa, kritikoa, jantzia, eta aldi berean apala. Nire ametsik ederrenean ere ezin izango nukeen irudikatu horrelako pertsona bat nire etxeko egongelan nirekin egon zitekeenik. Xabi ere gustura egoten zela esango nuke. Behin, “zurekin hizketan aritzea gustua da” esan zidan. Beste behin, nire umore garratza bat zetorrela berearekin, brausta, bota zidan. Nire ahizpa, gure logelatik komunerako bidean, begira gelditzen zitzaigun. Uste dut gu berriketa bizian ikusteak pozten zuela. Ziortzaren urtebetetze egunean, Xabi bazkaltzera etorri zen. Lore sorta zoragarri ederra eta ikaragarri handia ekarri zion nire ahizpari. Xabik, orduan, ni ere han nengoela konturatuta, lore sortatik arrosa zuri bat atera zuen kontu handiz eta nire esku dardaratian pausatu zidan “hau zuretzat, Miren; ezagutzen dudan emakumerik azkarrenarentzat”. Gorritu egin nintzen. Lotsatu. Eta, une horretatik, betiko maitemindu. Ez Ziortzaren bitartez, berak esaten zizkidan kontuekin, nire bizipen propioekin baizik. Xabi gutako bat bihurtu zen epe laburrean. Ohikoa zen bera bazkaltzen edo afaltzen geratzea, Ziortzaren bila etortzea, bere zain gelditzea. Bitartean, Xabi nirekin egoten zen, nirekin berbetan, nigandik gero eta hurbilago, gero eta ezagunago. Pasadizo asko kontatzen zizkidan, Ziortzak berak ezagutzen ez zituenak. Nire etengabeko ikasketez galdetzen zidan, irakurtzen nituen liburuez, entzuten nuen musikaz, jaisten nituen filmez... Nik Ziortzaren eta, bereziki, Xabiren zain ematen nuen egun osoa, berarekin hitz egiteko, bere ondoan egoteko. Baina halako arratsalde batean, ni bezalako emakumerik ez zuela inoiz ezagutu, ezta ezagutuko ere esan zidan. Bat-batean nire gorputz aldrebesaren gainean sentitu nuen bere begiradaren pisua. Nik txarto hartu nuen, oso txarto. Amets gozoetatik errealitate ilun eta gupidagabera bueltatu nintzen. Aspaldiko irainak eta lotsak burura etorri zitzaizkidan kolpera. Xabi besteen moduko ikusi nuen. Ez nuen pentsatu ere egin nahi gure adiskidetasunaren oinarria errukia izan zitekeenik, nahiz eta arrazoia eman behar izan nion. Ni bezalako emakume gutxi zegoen, nire akats genetikoa zuen emakume gutxi zegoen. Egia biribila. Arrazoia eman nion. Xabiri begietara begiratu nion, zuzen eta latz. Une horretan, ezin izan nuen bere pentsamendua irakurri. Amorruak itsutu ninduen, eta nire logelara ezkutatu nintzen, nire barruko orbanetatik zerion odolaren bor-bor mingarriaren kiratsa bakarrik niretzat gorde nahian. Hurrengo egunean, gaixotuta sentitzen nintzen, ondoezik. Gurasoak eta Ziortza lanera joan ziren, kezkatuta. Ohean geratu nintzen. Telefonoak, telefono madarikatuak, eten zuen nire lasaitasuna. Xabi zen. Nirekin hitz egin nahi zuen. Ziortza eta gurasoak lanean zirela aprobetxatu nahi zuela, nirekin gaizki ulertze negargarri hura argitu behar zuela, ez zuela lorik egin, hanka-sartze hori barkatu behar niola, ezin niola berari egotzi urteetan pilatutako irain guztien karga, ez zela bidezkoa. Hitz egin behar genuela. Etxera etorriko zitzaidala. Ordu erdian, bertan egongo zela. Etxeko atea ireki nion. Egongelan eseri ginen, bata bestearen aurrean. Ni bezalako emakumea ez zuela inoiz ezagutu esatean, ez ninduela mindu nahi esan zidan. Azkarra eta argia nintzela, jakin-min handikoa, interesgarria... Malkoak bere hitzen dantzara irristatzen zitzaizkidan aurpegian behera. Xabik eskuetatik heldu zidan. Negar-anpulu biribil handiak erortzen zitzaizkidan begietatik. Ezin nituen geldiarazi. Eskuekin lehortu nahi izan nuen nire aurpegi gorritua; baina, ezin. Nire esku txiki eta potoloak bere esku luzeen artean gorde zituen, malko pozoitu eta garratzetatik babestu nahiko balitu bezala. Gero, astiro-astiro eskuak musukatu zizkidan eta nire burua bere gorputzaren kontra estutu zuen. Negarrez jarraitzen nuen. Gertutik begiratu ninduen, begietara. Nik ere begiratu nuen. Nire malko tematiak nire ahoaren hegalera iritsi ziren, eta, orduan, Xabik xurgatu egin zituen banan-banan nire ahora iristear zeuden guztiak. Gure ahoak elkartu egin ziren. Gure eskuak askatu, bestearen gorputzean endredatu ziren. Gure arnasak erritmo berean estutu ziren. Nire ametsetan bezalaxe sentitzen hasi nintzen: arin eta lirain, aske eta distiratsu. Gertatu behar ez zena gertatu zen, baina gertatu zen. Ez ginen damutu — ni ez, behintzat —. Jazotakoa isilpean gordeko genuela adostu genuen. Gezur eder batek babestuko gintuen. Ez genion ez Ziortzari ez beste inori ezer kontatuko. Gainera, jakin bagenekien inork ez zuela horrelakorik sinetsiko. Nork nahiko luke ni bezalako batekin oheratu? Imajinatze hutsa ere, surrealista samarra izan zitekeen edonorentzat. Etxeko atea itxi baino lehen, muxu luze eta hezea eman nion. Horrela eman nizkion eskerrak. Berak ezagutu gineneko irribarre berberarekin erantzun zidan. Ez zitzaigun damutu, ez. Ez orduan ezta hurrengoetan ere. Erraza zen elkartzea eta elkarrekin egotea. Xabik telefonoz deitzen zidan, prest nengokeen galdetu, eta ordu erdira etxeko atea zabaltzen nion. Nik hartzen nuen eskutik, nire eskutik abiatzen zen etxeko korridorean barrena, nire bila zetorren, nirekin egoteko. Poliki hasten ginen, elkarri begiratzeko astia hartzen genuen, eskuekin jolasten ginen, muxuekin bestearen arnasaz elikatzen ginen, joko berriekin ausartzen ginen, plazer-iturri berriak probatzen genituen — debekatuak ere bai —. Guretzat ez zegoen langarik, gure gorputzek ez zuten sentitzen mugarik, malgu eta eroso geunden elkarrekin, urteetako maitaleak bagina bezala. Gure “zitak” bakandu egin ziren, apur bat; batez ere, Xabik eta Ziortzak ezkontzeko erabakia hartu zutenean. Xabik, berria besteei zabaldu baino lehen, esana zidan ezkontzarena. Bagenekien horixe zela gertatuko zena, gureak ez zuela Xabi eta Ziortzarena oztopatuko. Gurea biontzat zegoen argi, baina ilunpean bizitzeko jaioa zen: ilunpeko maitasuna izateko. Horregatik, bihotzez zoriondu nuen Xabi. Ziortza aukera ezin hobea zelako. Nire ahizpa maitea baino hoberik ez zuelako inon aurkituko. Ziortza pozarren zegoen. Alaitasunak ez zuen nahikoa lekurik bere baitan, eta ahotik irribarretan ateratzen zitzaion, gainezka. Etxean, guztiok geunden alai, ezkontzarako gauzak prestatzen eta Ziortzaren eta Xabiren apartamentua janzten. Ama gaztetu ere egin zela esango nuke. Hara eta hona zebiltzan Ziortza eta bera, lanetik irten eta gero, beti izaten zuten zer ikusi edo zer erabaki. Beste elkarrizketarik ez zegoen gurean. Ezkontzaren bueltan bizi ginen. Dena ondo atera zedin. Dena perfektua izan zedin. Ederra. Ezkontza-eguna zoragarria izan zen. Arrakalarik gabeko perfekzioan, eder. Eta, ondorengo guztia ere pentsatu bezala zihoakien. Burbuila zoragarri batean bizi ziren, aireak leun mugitzen zuena, hodeien gainetik, lurra ukitu gabe, bizitzaren ekaitzetatik urruti. Horrela igaro zitzaizkien pare bat urte zoragarri. Denontzat izan ziren onak, niretzat ere bai. Xabik lantzean behin telefonoz deitzen zidan, eta Ziortzarekin batera konpartitzen zuen burbuilatik irteten zen, nire bizitza ilunaren itzalean nirekin egoteko. Gurea ez zen eten, ez zen apurtu. Bere horretan jarraitzen zuen mailatu gabe. Hori guztia jakinda, batek pentsa zezakeen gupidarik gabe jokatzen ari ginela. Ziortza engainatzen ari ginela. Ez genuela horretarako eskubiderik. Gaizto eta zikin jokatzen ari ginela. Gu, ordea, aratz eta garden sentitzen ginen. Gure artekoak ez zion inori minik egiten. Ezta Ziortzari berari ere. Gurea maitasun liluragarri haren ifrentzua zen. Txanponaren alde ezkutua, akaso, itsusia. Gutxira jakin genuen ume bat egin nahi zutela. Aspaldi zebiltzala ahaleginetan. Ezkondu eta gutxira, hasi zirela haurdunaldia gauzatu nahian. Horixe zen haien zeru oskarbian zegoen hodei bakarra. Gero eta handiagoa. Gero eta ilunagoa, haien zorioneko burbuila astintzen zuena. Amak laguntzen zion Ziortzari mediku-osterak egiten. Probak, analisiak, tratamenduak. Hilabete bat, bi, hiru… Urduritasuna, nekea, tristura. Guztia bukatuta, jakin genuen Ziortzak ez zuela haurdun gelditzeko arazorik. Xabirengandik zetozen oztopoak. Ez omen zen ezinezkoa. Baina bai, oso zaila. Sasoi horretan Xabik inoiz baino gehiagotan, ia-ia egunero, deitzen zidan. Beti bezala, goizetan. Amorruz eta bortizki egiten genuen larrutan. Gero, luze hitz egiten genuen eta berak barrena husten zuen. Batzuetan, garratz egiten zuen negar. Nik ahal nuen kontsolamendu guztia ematen nion, eta Ziortzarengana lasaiago bidaltzen nuen. Errua, tristura eta negarra nire eremukoak ziren: alde ezkutukoak. Baina Ziortza bera ere goibelduta zebilen, distira galtzen ari zen, normaltzen. Ni , ostera, — nire itsusitasunean —, inoiz baino ederrago nengoen. Ematen zuen Ziortzak galtzen zuena nik zurrupatzen niola. Ondo sentitzen nintzen. Zerbait ezberdina sentitzen nuen nigan. Hasieran, ez nekien zein zen arrazoia. Gero, nire sabel hantuak emango zidan erantzuna. Ezin izango nuena ezkutatu. Nire haurdunaldiaren notizia Hiroshiman jaurtiriko lehergailua baino indartsuagoa izan zen gurean. Benetako eztanda. Familiaren orekaren habeak abaildu zituena. Gurasoak harrituta gelditu ziren. Behin eta berriro akats edo errakuntza bat izan behar zela errepikatzen zuten. Amesgaizto bat baino ez izatea nahi zuten. Ez zuten sinetsi nahi. Ziortzak negarrez ematen zituen egunak eta gauak. Ez zitzaion begitantzen nire haurdunaldia bidezkoa zenik. Berari zuzendutako zigor bezala ulertu zuen eta, gure bizitzan, lehendabiziko aldiz, nirekin haserretu zen. Berbarik ere ez zidan egiten. Bera gutxiesteko gelditu nintzela haurdun pentsatzen zuen. Apropos egin niola uste zuen. Urteetako mendekutzat hartu zuen. Xabik ez zuen ezer esaten. Nahikoa zuen Ziortza kontsolatzen. Horrez gain, bere kontua izango ez balitz bezala jokatzen zuen, berak horretan zerikusirik txikiena izango ez balu bezala. Bestalde, inori ez zitzaion burutik pasatu bera izan zitekeenik mundura etortzear zegoen umearen aita. Bere balizko antzutasunak babesten zuen kulpa guztietatik. Xabik betiko gordeko zuen isilean bere aitatasuna. Hori zen besteen aurrean egin behar zuena. Biok adostu genuena. Nire ahotik sekula santan aterako ez zena, eta berak inoiz aitortuko ez zuena. Guztiek jakin nahi zuten nola gertatu zen, norekin, zein momentutan. Etxe barruan pasatzen nituen egunak, asteak, hilabeteak. Ez nuen lagunik. Ez nuen inor inguruan. Are gutxiago, gizonezkorik. Galderak eta galderak. Baina nire erantzun bakarra mututasuna zen. Mututasun tematia eta egoskorra. Erabateko hutsunea. Aitak eta amak haurdunaldia aurrera zihoala ikustean, abortatzeko bidea proposatu zidaten. Pentsatzeko. Denborarik bagenuela. Arriskutsua izan zitekeela bai niretzat bai umearentzat. Zaila izango zitzaidala umea haztea, ia-ia ezinezkoa. Umeak ere bizimodu malkartsua izango zuela, eta abar, eta abar, eta abar. Nik entzun egiten nien, baina ez zitzaidan haien letania batere inporta. Jakin nahi nuen bakarra zen umea ni bezalakoa, nanoa, izango zen ala ez. Medikuarenera lagundu zidaten, era guztietako probak egin zizkidaten. Itxaron egin nuen, luze. Emaitza guztiak, halako batean, heldu zitzaizkigun. Eta, ez. Ez zegoen nanotasunaren zantzurik txikiena ere. Genetikak, arrazoirik gabe, ni zigortu ninduen, baina nire umea ez. Nik nire itsusitasunetik edertasuna sor nezakeen. Bizitzak aukera hori eman zidan eta bizi nahi nuen. Xabik goiz batzuetan deitzen zidan, eta hizketan egoten ginen. Xabi harrituta zegoen. Izugarria iruditzen zitzaizkion nire ausardia eta nire kemena. Uste dut inoiz baino gehiago maite izan ninduela. Hori esaten zidan, behintzat. Di-da batean pasatu zitzaizkidan haurdunaldiaren azken hilabeteak. Sarritan joaten nintzen ospitalera probak egiten, akaso haurdunaldi normal batean baino gehiagotan. Baina oso ondo joan zen guztia. Etxekoak pixka bat baretu ziren, eta Ziortzak oso bakan egiten zizkidan bisita oso laburrak. Hotz eta erdi derrigortuta. Etxean erditu nintzen. Nik erabaki nuen moduan. Beste behin, nire gurasoen iritziaren kontra. Ospitaleko emagina batek lagundu zidan. Ez zen arazorik egon. Umea, nire neskatila ederra ikusi nuenean, nire gainean eduki nuenean, jakin nuen zer zen zoriontsu izatea. Benetan zoriontsu izatea. Haurdunaldian sentitutako zalantza eta kezka guztiak, atoan desagertu zitzaizkidan. Nire alaba ondo zegoen. Normala zen. Akatsik gabea. Ederra. Itsusitasunetik jaiotako edertasuna. Nire bizitzari argitasuna eta ilusioa emango ziona. Ilunpetik aterako ninduena. Gertutik ikusiko nuen nire alaba hazten, nahiz eta beste etxe batean biziko zen. Bai, horixe erabaki nuen nik. Ziortzari eta Xabiri emango nien nire alaba, haiena bailitzan haz zezaten. Ni beti egongo nintzen gertu, alboan. Baina ez nion bizitza txarrik eman nahi. Ni bezalako ama bat izatea ez baitzen erraza izango. Ziortzak eta Xabik, ordea, bizimodu ona eta normala emango zioten. Hobe nuen, beraz, hasiera-hasieratik izeba Mirentxu bihurtzea. Ziortzari deitzea. Ziortzari nire erabakiaren zehaztasun guztiak azaltzea. Nire alaba entregatzea eta nire ahizparen adiskidetasuna berreskuratzea. Xabi, beste behin, harrituta utzi nuen. Etxekoak guztiz baretu ziren. Urak bere bidera bueltatu ziren. Gurasoak amesgaizto lotsagarri hartatik libratu ziren. Xabiren eta Ziortzaren zoriontasun-burbuila inoiz baino gorago zegoen, haize fin eta suabe batek eusten zion. Ziortza eta bion harremana berriro estutu eta loratu zen. Xabik, goiz askotan, “bisitatzen” ninduen. Nik, izeba Mirentxuk, Ziortza lanean zegoen bitartean, nire alabatxoa gozo-gozo zaintzen nuen. Argi ume osasuntsua eta indartsua zen. Ez zuen nire itxura-arrastorik txikiena ere. Eskerrak! Xabirena, ordea, gero eta nabariagoa. Batez ere, irribarrea lehertzen zitzaionean. Kalean, edozeinek esaten zien Xabiri eta Ziortzari alabak aitaren itxura zuela. Hasieran, ezer esan gabe, elkarri begiratzen zioten. Orain, ordea, normaltzat hartzen dituzte horrelako komentarioak. Ohitu dira. Gutako inork ez ditu aintzat ere hartzen. Izan ere, egia jakitea ez da beti onena izaten, ezta? KANTUKA Aitormena “Zin dagizut izan zarela ene bizitzaren onena” esan, eta, eskutik helduta, zeure ondoan jesarri ninduzun egongelako sofa granatean. “Aitortzen dut ez dizudala inoiz gezurrik esan eta”, baina zure esaldi hori bihotzaren sakonera erori zitzaidan hamar tonako harkaitz zatia ur barera bezalaxe: bortitz. “Baina orain, maitia, lehen baino lehen aska gaitezen”, eta hatz erakuslea ezpainen gainean jarri zenidan. Egia esan, nik ez nuen ezer esateko adorerik; zure jokabideari azalpen logikorik aurkitzen ez niolako. Sofa granatearen gainean mugitu ezinik gelditu nintzen, hanka falta duen panpina zahar bat bezala, atzera gelditutako jostailu baten antzera. Bitartean, zu gelditu ezinik hara eta hona, gurpildun maleta handia betetzen ari zinen, lehenengo arropekin, gero zapatekin, ondoren liburuekin eta, azkenik, elkarrekin egindako bidaietako argazki eta oroigarri batzuekin. Nire aurretik pasatzen zinen bakoitzean, kulpak zabaltzen zizun irribarre urduria luzatzen zenidan. Nik, bitartean, ezinegon ikaragarri horri arrazoi bat bilatu nahi nion: hainbeste denbora elkarrekin egin ostean, zerbait esan beharko zenidan, ezin zenuen horrela joan, beste barik, betiko desagertu. Antzematen nuen, ordea, alde egiteko gogo bizia zenuela, zure bekokian behera izerdi-tantak bidea azkarregi egiten ari zirelako, zure eskuek zugan naturala ez den dardara erakusten zutelako, eta zure pausoen erritmoa nik ezagutzen nuena baino dezente biziagoa zelako. Zorioneko maleta eta beste hiru poltsa erraldoi bete eta gero, taxi bati deitu zenion sofa granatearen ondoko telefonotik, helbidea eman zenion askatasunerako bidean abiatuko zintuen ezezagun bati; telefonoa bere lekuan utzi, eta nire eskuaren gainean azken muxua pausatu zenuen, nire begirada bilatu gabe. Zure traste guztiak hartu, eta, egongelako alfonbrari zuzendutako “sentitzen dut” batekin, kanpoko ate-hotsak aditzera eman zidan sei urteko elkarbizitzak amaiera jo zuela. Izoztuta gelditu nintzen, zainetako odola gatzatuta, atzamar-puntarik mugitu ezinik eta zirkinik egin gabe. Orduak, minutuak edo segundoak pasatuko ziren; ez dakit. Harridura-egoeratik esnatzen hasi nintzenean, benetan eta betiko alde egin zenuela ulertzen hasi nintzenean, musika jarri nuen nire malko garratzek hobeto dantza zezaten masailetan behera. Baina, bat-batean, gure apartamentu hustu berrian aspaldi entzun gabeko disko bat bilatzeari ekin nion nire onetik aterata, pieza jakin bat entzuteko premia nuen, udako egun sargoritsuetan ur freskoaren beharra sentitzen den legez. Begitandu zitzaidan kantu horretan aurkituko nuela zure hitz apurrek eman ez zidaten esplikazioa. Ez zenituen, bada, erabili kantu horretatik hautatutako esaldiak niri agur esateko! Horretan ere artista, ezta? Bitxia dela pentsatuko duzu, baina ondo ezagutzen nauten lagunek badakite horixe dela nire kanturik kuttunena: euskaraz egin den maitasun (akaso, ez-maitasun) kanturik ederrena, baina gertatutakoaren ondoren beste zentzu bat hartuko du, lehen baino neureago egingo da, neureago hori latza eta mingarria izan arren. Beraz, gure diskoen artean hori bilatu, eta entzun egin behar nuen: Aitormena. Baratze bat Izeba Teresak oparitu zigun sofa granatea elkarrekin bizitzen jarri gineneko lehenengo urteurrenean. Inoiz ikusi dudan sofarik ederrena iruditu zitzaidan: belusezko luxua. Teresari zer esan ez genuen asmatu, opariaren neurria handiegia egin zitzaigulako, akaso dotoreegia gure moduko bikote gazte batentzat. Gogoratzen dut aurretik txistirrik esan gabe egin zigula Teresak erregalua, neurria eta gustuko kolorea zein izan zitekeen galdetu gabe. Alabaina, bete-betean asmatu zuen gure maitasunaren erresumako belardi gorrixka izango zen zorioneko besaulkiarekin. Izeba Teresak asko maite zuen Martin, lobetan gazteena zelako eta hark zeukan artista traza atsegin zuelako. Teresak ez zuen asko hitz egiten, nahiago izaten zuen besteek esaten zutena entzun, eta ingurukoen keinu edo begiradak irakurtzen isilean gelditu. Aparteko trebetasun horri esker, bera izan zen lehena gure arteko erakargarritasunaren hizkuntza ulertzen, ez zitzaion ezer oharkabean pasatzen: fereka txiki bat, belarrira xuxurlatutako zerbait … Izan ere, behin baino gehiagotan harrapatu nuen guri begira, eta, holakoetan, hain berea zen irribarre txiki batekin aditzera ematen zidan gustuko zuela gu horrela ikustea. Ezagutu ninduenean, Martinen beste kapritxo bat izango nintzela pentsatu zuela uste dut, ez zen gehiegi saiatu (ez bera, ez beste inor) ni ezagutzen eta, are gutxiago, aintzat hartzen; hasierako familia-bazkari edo bileretan Martinen itzala baino ez nintzen haientzat, bere ondoan jartzen zena eta harekin batera alde egiten zuena. Baina, poliki-poliki, Teresa konturatzen hasi zen etxeko neskazalea eta ustez betiko ezkongabea zeharo tematuta eta itsututa zegoela nirekin. Martinen ingurura egokitzeak denboratxoa iraun zuen, ni baino lehen makinatxo bat neska ezagutu zuelako familiak, eta hoztasunez hartu ninduten. Gurasoek Bilboko zabalgunean zuten pisu erraldoi horretan biltzen ginen gehienetan. Asko zirenez, sarri egoten zen urtebetetzeren bat, urteurrenen bat, edo bestelako gertakizun alairen bat ospatzeko. Etxeko jangelako mahai luzearen bueltan estutzen ginen, eta han egoten ziren denak berriketa batean etxeko zerbitzari biek platerak eraman eta ekarri etengabean ibiltzen ziren bitartean. Uraren gaineko aparrean bizi ziren denak. Gurasoak nagusiak izan arren, gazte eta kolore biziz janzten ziren, algaraka egiten zuten barre eta bidaiez, antzezlanez edo lagunekin azken asteetan egindako afariez hitz egiten ziguten. Agerikoa zen disfrutatzen zutela elkarrekin egoten zirenetan, horrexegatik nahi zuen Martinek ni ere han egotea: euren tartean eta euren elkarrizketetan murgiltzea. Martinek guztiei elkarrekin bizitzeko asmoa genuela esan zienean ere, ez nuen izan espero nuen onarpena. Martinen ingurukoek urtebete baino gehiago behar izan zuten gure artekoa benetakoa zela ulertu arte, eta Teresak, nola ez, egin zuen lehendabiziko urratsa gure alde, sofa granatea oparitzearekin batera. Ordura arte, bageneukan besaulki trauskil bat egongelan, balkoi luzearen ate bien erdian. Onartu behar dut kretonazko lore urdinkarak nahiko lausotuta zeudela eta bertan jesarrita egotea ez zela oso erosoa, gorputza ez zelako haren formara erraz egokitzen; badakizu, lehen beste modu batean egiten ziren etxeko altzariak, eta gure sofa zaharra sasoi hartakoa zen. Luismik eta Begok eman ziguten, elkarrekin bizitzeko pisua alokatu eta pare bat egunera “lurrean eserita baino hobeto egongo zarete” esan eta gero; guk, eskertuta, afaltzera gonbidatu genituen lagunok, eta horrela hasi zen elkarrekin egiteko genuen bidea: ilusioa, lagunak, pasioa, afariak, irribarreak, musika, ardoa... eta sofa zahar batean sartzen ez zen maitasun berria. Lehenengo urte hartan etxea habia egiten ahalegindu ginen; ez genuen gauza handirik behar, eta lagunek edo senideek emandako traste zaharrekin moldatu ginen. Poliki-poliki bion gauzak nahasten joan ziren, arropa zikinaren saskian gure alkandora, galtzerdi, praka eta kulero kide egin ziren moduan. Etxean gero eta nire/zure gutxiago zegoen; egunetik egunera gure hitza gailentzen zihoalako. Udaberriko igande goiz batean Martin Arenalera joan zen, ni ohean erdi lo lagata. Bueltatu zenean, plastikozko poltsa zuri mordo bat utzi zuen egongelako ate ondoan, eta nire bila abiatu zen, atzetik estali zizkidan loak txikitutako begiak bere esku ahurrekin, eta egongelara eraman ninduen itsu. Nire aurpegi gainean pausatuta zeuzkan atzamarrak zabalduz, aurrean neukana ikusi ahal izan nuenean (Arenaletik ekarritako landare eta lore piloa) “baratze bat nahi dizüt egin” astiro eta leun kantatu zidan belarrira. Igande hartan, Berzaice-ren kantua auzoko guztiek entzuteko moduan jarrita, Martinek benetako baratzea egin zidan gure balkoi luzean, elkarrekin bizi izan ginen denbora guztian goxo-goxo zaindu zuena. Igande arratsaldeetan ez ginen usu kalera joaten. Gehienetan, Martinek bazkaldu ondoren aprobetxatzen zuen landareak ureztatzeko, orri iharrak kentzeko eta gure baratzean behar zen guztia egiteko. Bukatzen zuenean, balkoira eramaten ninduen nire oniritziaren zain, eta nik musu umel eta estuekin eskertzen nion gure amodioa loretan iraunaraztea; gero, sofa granatearen gainera erretiratzen ginen. Ez, ez genuen aparteko ezer egiten, batzuetan film bat ikusten genuen, edo liburu bat hartu eta musika entzuten pasatzen zitzaigun denbora. Udaberriko igandeetan, balkoiko ate biak irekitzen genituenean, haizearekin batera krabelin loratu berrien usaina sartzen zitzaigun, eta Martinek nire oinak hartzen zituen astiro-astiro igurzteko, maitasunezko uhinak nire zangoetatik gora zabal zitezen. Askotan, sofan gelditzen ginen lo eguna zabaldu arte. Erdi jantzita eta izerditurik esnatzen ginen: nire oinak haren izterren artean korapilaturik, eta haren burua nire beso eta bularraren magalera egokiturik. Gure maitasunak ez zuen parekorik, geometria perfektua osatzen genuen, erpin arrastorik gabeko biribila. Gure artekoa erabateko konplizitatea zen. Ondo baino hobeto ezagutzen nituen bere aurpegiak egiten zituen mugimenduak, eskuen erritmo orekatua, eta probatuta nituen haren gorputzaren tolestura tentagarri guztiak. Nekez ezkutatu ahal zidan Martinek nahigaberik edo ezustekorik, ez genuen sekreturik den-dena partekatu nahi genuelako. Inguruan genituen bikoteen aldean gureari zerion magia apartekoa zela pentsatzen genuen; jende artean geundenean ere, elkarren begirada bilatzen baikenuen. Imana eta metala ginen, bata bestearen ondoan egoteko sortuak, maitasunezko baratze berean bizi ginen espezie bakanak. Zure begiek, ene maitia… — Utziko didazu zure begiei argazki bat ateratzen? — Barkatu, ez dizut ondo ulertu. — Beno, ikusi zaitut nire argazkiak interes handiarekin begiratzen, eta pentsatu dut, beharbada, ez zitzaizula inporta izango hurrengo erakusketa baterako zure begien argazkiren bat gordetzea. — Nire begiena? Horixe zen hain zuzen ere, nire gorputzetik gutxien gustatzen zitzaidan atala Beti esaten zidan amak despistatu itxura nuela, esnatu berriaren traza zuela nire begiradak; horregatik, aholkatzen zidan begiak apur bat pintatzeko, marra beltz batek indar handiagoa emango ziolakoan nire aurpegiari. Hortaz, pentsa dezakezu zein harrituta gelditu nintzen, nire begi ezkelei norbaitek argazki bat atera nahi ziela entzun nuenean. — Bai, ondo entzun duzu, zure begiei. — Ez dut uste gordetzeko moduko ezer aterako duzunik … Konturatu nintzenerako, baina, klik-segida arin bat entzun eta kamera bat sentitu nuen aurpegia inguratzen. Une horretan munduko pertsonarik ergelena nintzela pentsatu nuen, eta bakarrik niri gerta zekidakeela horrelako zerbait. — Erratuta zaude; nik ez dut gazte eredugarri horien begirada perfekturik nahi, benetako begiak harrapatu nahi ditut, ez kirurgiak findutakoak edo modelatuak. Ez ditut modeloak gustuko, kaleko jende arrunta nahiago aukeran; bestela, begiratu berriro aurpegi horiei guztiei, haietan erraz asko topatuko dituzu zimurrak eta urteek txikitutako begiak, lo ezak uzten duen arrasto ubela eta pozak eragiten duen txinparta-dantza. Etorri handiko gizona zela ezin zen zalantzan jarri, baina bazuen zerbait gustuko ez nuena. Erraza zen imajinatzea ni bezalako beste inuzente bati antzeko gauzak esaten; egiten eta esaten zuen guztiak antzezlan eskas bateko atal ikasiegia zirudien. Gainera, Argirekin jarritako hitzordura arinegi heldu nintzelako sartu nintzen ditxosozko argazki-erakusketa hartan, ez nuen inongo interesik munduko beste puntan bizi zen jendearen begiradetan, ezta ere aurrean nuen gizon harro haren lanean. Egoera txatxu hura ez nuen gustuko, eta ez nekien zergatik jarraitzen nuen han, denbora eta pazientzia galtzen. — Uste dut berandutu zaidala; eskerrik asko zure azalpenengatik baina joan beharra daukat. Lagun batekin gelditu naiz, eta dagoeneko nire zain edukiko dut. — Nahi baduzu zure lagunarekin etor zaitezke, eta astiroago azter ditzakegu erakusketako erretratuok. — Asko eskertzen dizut eskaintza, baina hurrengo batean beharko du izan. — Ondo da, baina zure izena jakin nahiko nuke, argazkien atzeko aldean jartzeko. Ahal dudan guztietan, horrela sailkatzen ditut: izena eta data. Irribarre zabala erabili zuen ni konforme geldi nendin. Argi zegoen ohituta zegoela nahi zuen guztia lortzen, batez ere emakumeengandik. Nik, ostera, ez nituen gustuko tankera horretako gizonak, haien ondoan ez nintzen batere eroso sentitzen, ziria noiz sartuko zain barneko alarma gorria automatikoki pizten zitzaidalako, eurek intentzio ezkuturik eduki gabe ere. Egia esan, itxura oneko gizona zen. Janzkera ere halakoa zerabilen, baina nabarmenena zen bazuela bere xarmaren berri. — Jone, Jone naiz. — Itxaron, paper-txatal batean idatziko dut, ez ahazteko. Erakusketa-gelaren bazter batean zegoen mahaira hurbiltzen hasi zenean “zure begiek / ene maitia / badute biek / dir-dir eztia” kantatzeari ekin zion, bere ziurtasun probokatzaile hura agerian utzi nahian. “Harro halakoa!” pentsatu nuen neure bostean; eta, atzera nirekin elkartzeko buelta eman baino lehen kalean nintzen, ia-ia ezertaz ezagutzen ez nuen gizon batekin zeharo haserre. Nire begiek Baziren pare bat urte Argi Bartzelonara ikastera joan zenetik, eta hasieratik nabaritu nuen haren hutsunea. Ohituta nengoen oso gaztetxoak ginenetik elkarrekin egoten, bion sekretutxoak partekatzen eta adiskidetasunaren berotasuna zer den berari esker sentitzen. Baina institutukoak amaitu zirenean, bakoitzak bide berri bati ekin zion: nik nire betiko Bilbon, eta Argik urteekin hainbeste maite izango zuen Bartzelonan. Jarraitzen genuen telefonoz sarri hitz egiten, korreoak eta mezuak trukatzen eta — ahal zenean — oporrak batera egiten. Hori dela eta, ahal nuenetan Argi bisitatzera joaten nintzen. Beste bi lagunekin batera berak alokatuta zeukan pisuan gelditzen nintzen beti, edo zehatzago esanda, Argiren gela berean. Saiatzen nintzen traba ez izaten, Argik ikasteaz gain, jatetxe dotore horietako batean zerbitzari lan egiten zuelako astean hiru edo lau iluntzetan. Beste pisu-kide biekin, ordea, ez nuen tratu handirik izaten, ezta Argik berak ere. Alde batetik, etxean denbora gutxi egiten zutelako guztiek; eta bestetik, ohikoa zelako ikasturte batetik bestera batek alde egitea eta beste kide berri bat sartzea. Horregatik, besoak eta bihotza zabal-zabalik hartzen ninduen Argik, han benetako lagunik ez zuelako eta bakardadearen zama — egun batzuetan, gutxienez — arintzen niolako. Hala ere, ez zitzaidan gustatzen bere gainean egotea, noiz libratuko zuen edo beste norbaitekin geldituta zegoen galdetzen ibiltzea. Atsegin nuen hiri handi horretan ibiltzea, nire betiko Bilbon baino askeago sumatzen nuen nire burua ezagutzen ez ninduen jendetzaren artean. Bisita horietako batean, Argik lo egiteko premia zuela-eta ilunabarrera arte etxean geldituko zela esan zidan; hego haizea zebilen gogor samar eta hodei arrastorik ez zegoen hiriaren gaineko zeru amaigabean. Hori dela eta, Gracia Pasealekutik ibiltzea erabaki nuen, erakusleihoei erreparatzea, presarik gabe nonbaiten bazkari legea egitea, neure buruari zerbait oparitzea, akaso film bat ikustea, edo beste edozer egitea. Halako batean — eta benetan diotsut ez dakidala nolatan — kafe bat lasai hartzeko toki egoki baten bila nenbilela, arte-galeria baten ate ondoan suertatu nintzen, eta, beste ezer pentsatu gabe, barrura abiatu nintzen. Galeriaren hormetatik errukia eskatzen zuten begiek, bizipozaren sekretua aurkitu berri zuten begiek, maitatzen zein gorrotatzen zekiten begiek, eta beste begirada askok bideratu zuten nire ibilbidearen nondik norakoa. Gelaren erdian, mahai dotore batean, erakusketaren gaineko informazioa eskura nezakeela konturatu nintzen, koloretako paperek letra tamaina izugarri batean Mundu zabaleko begiradak eta argazkilariaren inguruko informazioa eskaintzen zuten. Normaltasunetik harago zihoan kasualitatea zela pentsatu nuen, ia-ia zerbait magikoa, horregatik hasi nintzen erretratu bakoitzari arreta jartzen, haietako bat nirea izan zitekeelako. Beharbada, nire begiak nire gorputzetik kanpo ikus nitzakeen, marko dotore baten barruan, beste batenak balira bezala. Hasi nintzen banan-banan erretratuak aztertzen, hurbiletik zein urrutitik, astiro zein arin. Laster batean aurkitu nintzen, hobeto esanda, aurkitu nuen nire begien argazkia. Argazki guztiak ez ziren neurri berekoak — ohiko erakusketetan bezala —, eta nireari txikitasuna egokitu zitzaion, baina han nengoen izen, data eta guzti: “Jone/ Bilbo, 2009”. Begi dotoreak iruditu zitzaizkidan nireak, — ez ezkelak eta hilak amak txantxetan esaten zidan moduan — berez asko adierazten duten horietakoak, eta, bat-batean zeharo alai sentitu nintzen, argazkia etxera eramateko gogo bizia sentitu nuen, are gehiago, oheburuan gustura jarriko nukeela pentsatu nuen eta besterik gabe, Ruper Ordorikak aspaldi kantatzen zuen kantu bat etorri zitzaidan lehenengo burura eta gero, erdi isilka, ezpainetara: Ene begiek ez dute malko isurtzeko gogorik denik eta bizitza bakarra bizi dutelako (...) Begira erlojuetako orratzak uneka herdoiltzen zenbat gauza utzi dudan estarta bazterretan edo laku urdinen hondoan bizitza bakarrean (...) Eguerdia baino ez zen. Banekien Argi jota zegoela, eta, eguneroko martxari aurre egin behar bazion, deskantsatu behar zuela; banekien iluntzean elkarrekin egongo ginela eta nire ibileren berri emateko aukera edukiko nuela, baina aurkikuntza hura, demaseko kasualitate hura, Argiri kontatu behar nion, ezin nuen iluntzera arte itxaron; gainera, seguru nengoen Argik ulertuko zuela nire emozioa eta, zergatik ez, nire poza. Beraz, birritan pentsatu gabe… Argi kezkatuta iritsi zen, nahiz eta nik esan nion ez zuela arduratuta egoteko arrazoirik. Bekokiaren zimurretan eta begien gehiegizko zabaltasunean antzeman nuen haren ezinegona. Nire ondora heldu zenean, besotik heldu nion, eta, azalpen ganorazkorik eman gabe, erakusketa-aretora sartu ginen, eta nire argazkiaren aurrean —“Jone/ Bilbo, 2009”— jarri nuen beste ezer esan gabe. — Zer iruditzen zaizkizu ene begiak? — Jone, burua galtzen ari zara? Ez dut ezer ulertzen — Ez duzu ikusten? Hor nire izena dago, eta ikusten dituzun horiek nire begiak dira; orain dela pare bat urte gertatu zitzaidan pasadizo surrealista baten emaitza da ikusten ari zaren argazkia. Uste dut ez nizula ezer kontatu, guztia patetiko samarra izan zelako; baina ulertu behar duzu zelakoa izan den nire emozioa gaur eguerdian argazki hau, duela bi urte niri egindako hau, non eta Bartzelonan, ikusi dudanean. — Zuri gertatzeko ez da asko! — Ez haserretu nirekin. Badakit nekatuta zaudela eta etxean egoteko plana zenuela, baina... — Zer demonio duzu orain? — Argi, begiratu disimuluz aretoaren erdialdera, mahaia dagoen lekura. Hori da argazkilaria, erretratuen egilea eta harroputz galanta. — Badauka zertaz harro egon!, oso mutil erakargarria, interesante horietakoa. Hantxe zegoen, aretoaren erdian, ni bezalako tentel itxurako neska lotsati bati argazkien gaineko azalpenak ematen. Seguru nengoen hurrengo urratsa argazkiak ateratzea izango zela, tupustean aterako zizkiola, eta neska gajoak lotsak jota alde egingo zuela. Guztiz seguru nengoen irribarrea aterako zitzaiola gure ehiztariari neskaren aztoramena antzematean. Seguru dibertitzeko egiten zituela horrelakoak, bere ziurtasuna elikatzeko, hiri jendetsuegian lehoia oihanean baino boteretsuago sentitzeko. Amorrua sentitu nuen. Atera kontuak, ostera ere ezagutzen ez nuen gizon horrekin haserre! Lehendik ere ezagutzen nuen amorru horren zaporea, ez zen niretzat ezezaguna; izan ere, antzeko gizonak ziren nire espezialitatea, edo ni eurena. Pare bat harreman moduko eduki nituen, eta bietan zeharo engainatu nindutela sentitu nuen, aurpegira eta gogotik egin zidatela barre; hori dela eta, ikasi nuen beste hoztasun batekin tratatu behar zirela gizonezkoak eta ez zela esaten zuten guztia sinetsi behar, “ene begiek ez zuten malko isurtzeko gogorik”, eta horretarako, “zenbat gauza utzi nituen estarta bazterretan edo laku urdinen hondoan”. Orduan pentsatu nuen aretotik irten berri zen neskarengatik gizon harekin jolastuko nintzela, bera errukirik gabe edozein emakumerekin jolasten zen bezalaxe. Norbaitek irakatsi behar zion emakumeak bestela tratatzen, merezi dugun duintasunaz. Ez nekien ezer bere bizimoduaz, baina nik neuk piztutako amorrazioaren garrean, Argi aretoaren bazter batean aho zabalik lagata, eta nire irribarre-erregistrotik kitzikagarriena aukeratuta, bere aurrean plantatu nintzen: — Ez dakit gogoratzen nauzun, Jone naiz. Ez nion beste pistarik eman nahi, buruari apur bat eragin ziezaion. Bitartean, irribarre gozoari eutsi nion, eta aitortu behar dut ongi sentitzen hasi nintzela berehala, batez ere nire gorputzaren gainean bere begirada apur bat kikildua nabaritu nuenean. — Barkatu behar didazu, oso aurpegi ezaguna egiten zait zurea, baina oraintxe bertan ez dakit... Jone deitzen zarela esan didazu, ezta? — Bai, Jone. Ez estutu, ulertzen dut hainbeste emakume ezagutzen duen gizon batek ez lotzea guztion izenak eta aurpegiak, lasai. — Gehienetan ondo akordatzen naiz, baina atzo zabaldu genuen erakusketa, eta burua daukat ez dakidala zertan nabilen ere. — Ez kezkatzeko esan dizut. Ziur nik buelta eman, eta orduantxe etorriko zaizula akordura nondik ezagutzen nauzun. Gizona gero eta deserosoago ikusten nuen, ez zuelako egoera menderatzen; nik, ordea, berak ezagutzen ez zuen jokoarekin jarraitu nahi nuen, disfrutatzen hasia baino ez nintzelako. — Ez dakit, akaso ausartegia izatea begitanduko zaizu, baina apuntatu hor mahai gainean daukazun paper-txatal batean zure telefono-zenbakia eta izena, badaezpada. Nik agindutako eran, zenbakia jarri zidan paper batean, eta eman egin zidan hitz egokirik asmatu ezinik. Ene begiek ez dute malko isurtzeko gogorik denik eta bizitza bakarra bizi dutelako (...). … Zer gehiago behar dut nik? Martinek alde egin ostean, egun pare bat eman nituen gertatutakoa sinetsi ezinik. Ez zen posible horrelako zerbait guri gertatzea; zenbat eta gehiago pentsatu eta hausnartu, orduan eta argiago ikusten nuen gaizki-ulerturen batek izan behar zuela guztiaren zioa. Ez nuen gogoratzen eztabaida esanguratsurik, haserrealdi berorik edo antzeko ezer. Gure bizitzak lasaia eta goxoa izaten jarraitzen zuen, gorabeherarik gabea, orekatua eta ordenatua, ia-ia akatsik gabea. Ez zen posible horrelako zerbait guri gertatzea. Gure adiskide batzuk, Luismi eta Bego esaterako, aurreko urtean banatu ziren, baina guztiok antzematen genuen haien artekoa ez zihoala behar bezala, maitasuna maiztu zitzaiela. Gainera, haiek bazituzten bi seme-alaba txiki, euren arteko harremana total aldatu zutenak; argi genuen besteok Begok eta Luismik ez zutela aspalditik elkarrekin egoteko denborarik hartzen, lagunekin — betiko lagun minekin — ibiltzeko aukerak uxatzen zituztela behin eta berriro, aitzakia arin eta zuriekin, bikotea lausotu egin zela, egunerokotasunean urtu zitzaiela. Baina, hori ere ez zen, inolaz ere gure kasua. Elkarrekin bizitzen jarri eta denboratxo batera, lagunak mundu malapartatu honetara umeak ekartzeko burutazio inuzente horrekin hasi zirenean, Martinek eta biok erabaki genuen ez ginela sartuko gizarteak normaltzat zuen bidean, ez genuela ohiko familia eredugarri bat osatu nahi. Ez genuen beste ezer behar gure unibertsoari kolorea emateko, ez genuen bilatu nahi emozio berririk edo bizitasun zororik. Bagenekien aurrerantzean ere primeran moldatuko ginela bikotean, biok biotara, hasi ginen bezala: elkarrekin eta elkarrentzat. Hori guztia entzunda batek pentsa dezake bikote itxi eta estua ginela, besteen beharrik ez genuela edo lagun gutxi gelditzen zitzaigula; baina ez zen hori, ezta pentsatu ere! Martinek han eta hemen argazkiak ateratzen jarraitzen zuen, haren izena gero eta ezagunagoa zen kazetaritzan, batzuen iritziz artista handia ere kontsidera zitekeen beraren argazkiei zerbait ezberdina zerielako. Gehienetan oso estilo biluzia erabiltzen zuen, baina nekez ahatz zitezkeen haren kameran sortzen ziren zuri-beltzezko irudi indartsu eta sotilak. Askotan, heltzen zitzaizkion kanpora joateko gonbidapenak; gehienetan, erakusketak izaten ziren deien arrazoi, beste batzuetan aldizkari ospetsuren batek eskatzen zion lanen bat edo beste egitea, eta azken boladan denbora gehiago ematen zuen atzerrian etxe inguruan baino. Nik oso gutxitan lagundu ahal izaten nion, nire lanbideak aukera gutxi ematen zidalako. Martinen lana eta nirea zeharo ziren ezberdinak. Nirean dena zegoen aldez aurretik pentsatua, eta gehienetan, prestatua. Agenda eta ordenagailu eramangarria ziren nire lagunik leialenak, enpresako bilerak, aurrekontuak eta balantzeak zirelako nire eguneroko betebeharrak eta buruhausteak. Urtetxoak neramatzan enpresa berean, horregatik ondo baino hobeto nekien zein ziren nire ardurak baita nire menpe nituen beste kideenak.ere. Lanean oso eraginkorra nintzen, oso denbora gutxian egin nuen gora, eta gero eta ardura handiagoak hartzera behartzen ninduten. Nagusien begiko nintzen, baina nire menpekoek ez zuten nitaz iritzi on-onik. Horrek, ordea, ez ninduen batere kezkatzen. Gehienentzat emakume hotz eta segurua nintzen, negozioetan zuhurra eta mesfidatia, nekez urduritzen zen horietakoa eta, batzuetan, pentsatzen nuen lankideei ez zitzaiela arrazoirik falta. Oso gutxitan gelditzen nintzen eurekin kafe bat hartzen edo afaltzen. Ez nuen gustuko izaten ospakizunetan endredatzea, ezta tratu bat ondo itxi eta etekin onak lortzen genituenean ere. Saiatzen nintzen hurbilegi ez egoten, lana eta adiskidetasuna ez direlako erraz uztartzen. Nire lanbideak eta enpresan betetzen nuen lanpostuak horrelako jarrera eskatzen zuten, edonor bihur daitekeelako lehiakide edo etsai, eta konfiantza gehiegi emateak ez dakarrelako ezer onik. Nik ere bidaia ugari egin behar izaten nituen, enpresa ekialdeko Europan zabaltzeko ahaleginean zebilelako, eta, tratu gehienak hemen bideratzen ziren arren, beti azaltzen zen gorabeheraren bat dena delakoaren lekuan argitu beharrekoa. Gehienetan, baina, hurbileko bidaiak egiten nituen, gehien jota astebetekoak, eta Bartzelona ingurura joan behar izatea ilusioz eta poztasunez hartzen nuen. Horietan, aukera aprobetxatzen nuen Argi ikusteko, bera baitzen nire benetako adiskide bakarra, nahiz eta urteen joan-etorrian gure bizimoduak erabat muturrekoak bilakatu. Argi adiskidea baino gehiago zen niretzat; batez ere, ama nire aurrean ziplo jausi, eta egun pare batera hil zitzaidanetik. Unibertsitateko ikasketak bukatu berri nituen, eta ahalegin guztian nenbilen lan bila, ondo baino hobeto nekielako amarentzat neketsua eta gogorra izan zela nire ikasketei aurre egitea. Nik lan ona eta duina izateko, amak bulego triste batean ematen zuen egunaren zatirik handiena, eta, enpresa berean urte mordoa eginda ere, ez zituen inoiz jaso ez merezi zuen soldata ezta begirunea ere. Gutxitan ibiltzen zen lagunekin, eta asteburuak joaten zitzaizkion etxe zuloa garbitzen eta txukun itxuran jartzen; asko jota, erreka ondoan paseatzen zen bere bakardadearen konpainia leialarekin. Aitak utzi gintuen hiru urte nituenean, eta harrezkeroztik amak bere bihotz zauritua giltzapen ezkutatzea erabaki zuen. Ez neukan, hortaz, neba-arrebarik. Familia amarekin hasi, eta bukatzen zen; ondorioz, pentsa zenbat kostatu zitzaidan amaren bat-bateko heriotza gainditzea. Bene-benetan bakarrik eta ezlekuan gelditu nintzen, munduaren orbitan harri bat biraka eta noraezean ibili daitekeen moduan. Inork ez ninduen behar eta ez nintzen inoren bizitzaren parte. Biztanle bakarreko uhartea nintzen itsaso beldurgarri eta zabalegian. Argik etorri behar izan zuen Bartzelonatik. Bere etxera eraman zituen nire puskak, eta, doan oparitu zidan egunetako eta asteetako goxotasuna hartuta ere, estuegi lotu omen ziren nire ahultasunaren zatiak. Ez nuen jakin beste modu batean egiten, eta Jone berri bat bueltatu zen Bilbora, aurrekoa baino gogorragoa eta hotzagoa. Argik Biologia-ikasketak bukatu eta gero, lana aurkitu zuen Bartzelona ondoko araztegi batean; gerora, ezkondu, hiru seme-alaba izan, herri kozkor batean landa-etxe bat erosi, eta hiria ia zapaldu gabe bizi zen. Argik beti bezala hartzen ninduen, bihotza eta besoak zabal-zabalik zituela. Gogotsu hartzen zituen nire bisitak. Mesede handia egiten zigun solasaldi luzeetan murgiltzeak, elkarren bizitzak egunean jartzeak edo elkarren ondoan isilik egoteak. Gustatzen zitzaion nire hiriko arropa dotorea ikustea, nire maleta astintzea, soinekorik estuenak janztea, zapata takoidunak probatzea, eta senarraren aurrean imintzioka jartzea. Landa-etxeko gelarik handiena eta argitsuena izaten zen nirea — bertan bezerorik ez bazuten, behintzat —, eta aitortu behar dut, eurekin nengoenean, etxean sentitzen nintzela. Argik gutxitan galdetzen zidan ezer Martinen kontura, inoiz kortesiak agintzen zuen zerbait, baina nik ondotxo nekien ez zuela gogoko, eta ahalegintzen nintzen haren gorabeherarik ez aipatzen. Argiri hasiera-hasieratik, ezagutu zuen egun beretik, harroputz jasanezina iruditu zitzaion Martin, eta urteek ez omen diote iritzia aldatzeko arrazoirik eman. Martinekin bizitzen jarri nintzenean, ezin zuela sinetsi esaten zidan aukera zuen guztietan, edozein nerabe inuzenterekin topatuko nuela ligatu nahian bihar edo etzi, nik beste zerbait merezi nuela, sakontasun gabeko gizona zela, itxura hutsa, telebistan eta modako aldizkarietan agertzen diren horietakoa zela, eta abar, eta abar … Ezin zuen ulertu zelan egon nintekeen hain maiteminduta, hain itsututa — berak esaten zuen moduan —; ez zuen uste luzaroko kontua izango zenik gure artekoa, beroaldi bat baino ez, kapritxo hutsa. Jauma oso bestelakoa zen: atsegina, gozoa, lasaia … Berak ere benetan estimatzen ninduela sentiarazten zidan: ardo botila onak zabaltzen zituen nire etorrera ospatzeko, afari bikainak prestatzen zizkigun Argik eta biok logelan nire traste apurrak egokitu bitartean, eta, gehienetan, umeak oheratzeaz ere bera arduratzen zen gure elkarrizketa eten ez zedin. Afaloste luzeetan beti bukatzen genuen kantuan “badut semea, badut andrea, alaba ere badut nik, osasun ona batetik, ondasuna bestetik. Zer gehiago behar dut nik?” Argiren aitak ospakizunetan kantatzen omen zuena, Argirentzat hunkigarria eta xamurra zen kantua, haurtzaroko eremu epel eta goxora bidaiatzen laguntzen ziona. Baina ez zen hori bakarrik, bertso horietan bere bizitza goitik behera deskribatzen zen. Bazuen hori guztia; nik, ordea, ez semerik, ez alabarik, ezta etxe txiki zuri politik ere. Batzuetan, min-ziztada zital batek astintzen ninduen, baina berehala ahalegintzen nintzen pentsamendu horiek uxatzen. Argik eta biok kantu bera kantatzen genuen, baina ahots bitan, eta, beharbada, niri zegokidan ahotsa garratzagoa zen, zailagoa kanturako. Aupa Etxebeste! Martinek alde egin ostean, astebete eman nuen etxean. Sofa granatearen gainean eserita, telefono tematia eta mutua altzoan nuela. Jan gabe, lo egin ezinik, balkoiko nire baretzeko landareen martxan zimeltzen. Aste santu osoan inorekin hitz egin gabe, Martinek prestatutako mokadu mikatzari digestio astuna egin nahian. Egun gutxira, bulegotik deitu zidaten. Lehendabizi, asmatutako ondoezaren gainean galdezka, baina, gero, bospasei esaldi hutsalen eta zuriren ostean, beste edozein unetan, ezetz biribila emango nion proposamenaren berri emateko. Praga ingurua sobera ondo ezagutzen nuen. Hilabeteak neramatzan han koka zitekeen lantegi baten proiektuak eta aurrekontuak gorpuzten, eta lau bat aldiz bertan egona ere banintzen. Aspaldi bateko bilera gehienetan, sutsu defendatu nuen Pragako proiektua beste batzuen aldean, ekonomikoki bideragarriena zelako, buruhauste gutxirekin gauza zitekeelako eta, egun, egin samartuta zegoen. Ondotxo nekien lankideren batek pare bat urteko egonaldia — edo akaso luzeagoa — egin beharko zuela bertan enpresa berria martxan jarri arte, baina ez nuen inolaz ere pentsatzen aukeratua ni izan nintekeenik. Ez nengoen, ordea, mementorik egokienean, ahulduta eta indarge sentitzen nintzen, ezgauza, nahiz eta estimatu nuen enpresak nigan jarritako konfiantza. Ardura handiegia zen, zaila ganoraz zuzentzen, ume txiki batentzat amaren takoidun zapata altuekin korrika egitea bezalakoa. Bulegokoekin hitz egin ostean, ez nuen izan burua berotzeko gogorik. Sofa granatera eta telebista aurrera bueltatu nintzen. Telebista nuelako konplize berri eta adiskide bakar. Ez zidan ezer eskatzen, eta ni bezalako izaki tristeak ekartzen zizkidan parera nire mina arintze aldera. Itxura barregarria zuen film bat suertatu zen: Aupa Etxebeste! Horixe behar nuen, burua nekatu gabe orduak pasatzen utzi, baina berehala harrapatu ninduten filmaren nondik norakoek. Ematen zuen telebista bera ari zitzaidala irtenbide bat eskaintzen, ordura arte niri burutik pasatu gabeko bat, filmean ikusten niharduen hori nik neuk egin nezakeen. Herri koxkor bateko alkatearen familiaren gorabehera penagarriak modu umoretsuan kontatzen ziren. Alkateak ez zuen ohiko udako oporrak egiteko dirurik, eta ezin Benidormera joan, baina, euren mailari eutsi behar ziotenez, ezin zuten onartu herriko beste edozein familiaren modukoak zirenik agerian utzi, eta uda herrian pasatu. Eztabaida bihurri eta surrealista luzearen ostean, familiakoek adostu zuten etxe barruan ezkutatzea ustezko oporrak bukatu arte, kanpoan egon izan balira bezala. Guztiei gezurra esatea eta gezurraren itzalpean gordetzea. Eustea. Agian, horrela esanda, ez zaizu oso interesgarria irudituko, baina gezur horrek salbatu zituen. Jarraitu zuten euren bizimoduan eta ez zioten inori azalpen mingarririk eman behar izan. Hortaz, erraz asmatuko duzu zer erabaki nuen, ezta? Bada, zorakeria izugarria izan arren, nik ere filmeko familiak bezala, pentsatu nuen gezurrak lagunduko zidala nengoen zulotik ateratzen. Ez nion inori ezer azaldu behar, inork ez zuen jakin behar Martinek utzi ninduenik. Hori zabalduta, muturreraino barregarri garatuko nintzen askoren begietan, patetiko, eta ez nuen nahi nire babeserako eraikita nuen harrizko murru sendoa suntsitzerik. Inork ere ez zuen gure porrotaren berri izan behar, ezkutuan gordetzea eta hanka egitea zen onena, Etxebestetarrek egin zuten bezala. Ondo pentsatuta inor ez zen harrituko Martinek erakusketa berri bat antolatzeko-edo etxe inguruan ez egotea; eta bestetik, Pragara joateko proposamena une ezin hobean heldu zitzaidan, horri esker betiko bizimodua errotik aldatzeko aukera izango nuen, inori ezer aitortu gabe. Gure lagunek, lankideek ez zioten susmo txarrik hartuko nire laneko ardura berriari, pentsatuko zuten gorago nahi izango nuela igo, ardura handiagoak eskaini zizkidatela enpresan… Gainera, batek daki, bitartean, Martinena konpontzea ere litekeena zen: agian, denbora-kontua izan zitekeen, krisi txiki bat. Itxuran eta inork ezer susmatu baino lehen joan behar nuen. Batez ere, Teresak edo Argik zeozer jakin edo sumatu baino lehenago. Telebistari eman behar nizkion eskerrak, une egokian Aupa Etxebeste! paratu zidalako. Ez zara gaueko izar bakarra Pragara joan aurretik ez nuen izeba Teresa agurtu, ez nintzen gai izan haren aurrean jartzeko. Ez zuen sinetsiko bi edo hiru urteko proiektu malkartsu eta arazoz betea abian jartzeko gure etxea uzteko prest egongo nintzenik, Martini buruz hitz egin beharko nioke eta azalpen korapilatsuetan endredatuko nintzen, seguru. Eman nahi ez nituen arrazoiak asmatu beharko nituen, gezurretan nenbilela igarriko zuen eta nire duintasun ondo mailatuak ez zidan horrelakorik baimentzen. Teresak, denboratxoa pasatuta, izango zuen gure banaketa ulertezinaren berri; beharbada, Martinek berak kontatuko zion nik entzun ez nuen azalpena, baina ordurako urruti egongo nintzen, distantziak ematen duen abaroan, haren begirada zorrotzetik hainbat kilometrotara. Argiri, ihes egin baino lehen, telefonoz eman nion nire bat-bateko erabakiaren berri eta zehaztasun handirik ere ez nion eman. Egun horretan bertan ez zidan kontrarik egin, ustekabean harrapatu nuelako. Gero, Pragatik bertatik deitzen nion bakoitzean sermoia entzun behar izaten nion. Dena iruditu zitzaion arraro, horrexegatik nire diskurtsoaren hurrenkeran piezak falta balira bezala hitz egiten zidan; Martini buruzkoak, hain zuzen ere. Argik ez zidan zuzenean ezer galdetzen eta nik ez nuen Martinen konturik ateratzen. Ahizpa nagusiaren antzera mintzatzen zitzaidan, erdi haserre errepikatzen zidan ez zekiela zertan nenbilen hain urruti eta hainbeste denborarako, nire bizitza hankaz gora jartzen ari nintzela, zentratu behar nintzela, nituen lagun apurrak galduko nituela, ez nuela diru gehiago irabazteko premiarik: lana ez zela bizitzan zaindu beharreko guztia esateari ekiten zion, ezin nuela horrela jarraitu, begiak zabaldu behar nituela, bakarrik geldituko nintzela, bakar-bakarrik, eta bakardadea ez zela konpainia egokia, bizitza aldatu behar nuela … Horrelakoak ziren gure elkarrizketa guztien hasierak, behintzat. Gai berberaren inguruko bakarrizketa antzuak, nik gero eta isilago entzuten nituenak . Gabonetako oporretan, Argi eta Jaumaren etxean egin nituen zortzi egun. Ez nuen gogorik Argiren aurrean paratzeko, ezin izango nuelako Martini buruzkoa saihestu, baina joan ezean, Argik antzemango zuen zer edo zer eta okerragoa izango zen nire gezur koldarra agerian geratzea. Hala ere, Argiri berari ere ezin izan nion egia aitortu, gertatutakoak eta Martinen mututasun tematiak min handiegia eragiten zidatelako eta ahotik ezin nuelako ezer atera ihesaldi ulertezin hartaz. Ez nion esan, berak aspaldi aurreikusten zuen bezala, ezer esan gabe, perfekzioa gauzatzen zuen Martinek laga ninduenik eta ez nekiela kapaz izango nintzen bakardadearen eta umilazioaren zulotik ateratzeko. Ni lanari eta proiektuari buruz ibili nintzen luzaro berbetan, aukera aparta zela azpimarratzen, goi-mailako lanpostua zela, emakumeok horren alde egin behar genuela, lanean ez ginela gizonezkoak baino gutxiago, gure balioa erakutsi behar genuela, familiak eta sentimenduek ezin zutela mugatu gure lanean gora egitea. Martinek ahal zuen guztietan bisitatuko ninduela azpimarratzen nuen, berak lagundu zidala erabaki zamatsu hori hartzen, Martinek ondo ulertu zuela proiektu bazterrezina zela, bion artean adostutako parentesia zabaldu genuela, eta dena bukatutakoan, parentesia itxiko genuela eta era naturalean elkarrekin jarraituko genuela. Martinek berak izugarri animatu ninduela, gurea ez zela eten, Martinen “gaueko izar bakarra” izaten jarraitzen nuela eta nik “ilargia lapurtuko nukeela gauero” Paragatik edo beste leku batetik berari oparitzeko. Ez dut uste Argik ezer sinetsi zuenik, baina ez zidan kontrarik egin, lar ondo ezagutzen ninduen eta bazekien alperrik jardungo zuela. Gogor ekin nion lanari, gorputz eta arima. Adostutako datan, proiektua zena errealitate bihurtzea nahi nuen, beste lorpen garrantzizko bat gehitu nahi nion nire curriculum distiratsuari. Enpresaburuak, behin baino gehiagotan, nuen kemena eta oztopoak gainditzeko tinkotasuna goraipatzen zituen besteen aurrean baita lan-taldea bideratzeko irmotasuna miresten zuela ere. Hitz horiei esker bizi nintzen, ez nuelako beste ezer. Lagunik egiteko gogorik ez zitzaidan pizten inguruan talde bikaina nuen arren, eta, nire uharte bakartian gero eta hondoratuago nengoen handik irteteko aukerarik antzeman gabe. Pozik nengoen nire lorpenekin, baina gero eta kezkatuago proiektuaren amaiera gertu zegoelako. Pentsatzen nuen Pragako egonaldiak Martinen gaixotasunetik sendatuko ninduela, kapaz izango nintzela etxera bueltatzeko eta errealitateari parez pare begiratzeko eta gezurrekin bukatzeko. Hasi nintzen amesgaiztoak izaten, haietan Teresa agertzen zitzaidan begietara artez begiratzen, Argi betiko letaniari ekiten, Martin neska gazte baten eskutik paseatzen … Gauetan esnatzen zitzaizkidan lozorroan beratzen izandako mamu guztiak, gero eta urduriago nengoen ur-jauzi erraldoi baten burrunba unean-unean berresten zelako nire buru gaixoan. Proiektuaren azken txanpan eta lanez lepo geundenean, mila kontu lotzeko eta erabakitzeko denbora faltan geundela, Jaumaren dei batek zeharo aztoratu ninduen. Ezagutzen nuenetik, ez zidan inoiz deitu eta ahotsak ere ez zuen berea ematen. Euren etxera joateko erregutu zidan, Argi gaixotu zela eta on egingo ziola nire bisita batek, animatuko zela ni bere ondoan ikustean. Lasai hartzeko, pare bat aste barru joanda hobeto aurkituko nuelako, tratamenduaren txarrenean zegoela, eta niri ere denbora-tartetxoa eman nahi zidala bidaia antolatzeko, Argiri berari ez esateko ezer, ez genuela ezusteko pozgarri hori zapuztu behar. Azalpenak ondo neurtuta eta pentsatuta eman zizkidan, horrek areagotu zuen nire ezinegona eta laneko estutasun guztiak bigarren mailara jaitsi ziren automatikoki. Ez zidan zehaztu gaixotasunaren konturik, baina nire berezko ezkortasuna hasi zen txarrean txarrena irudikatzen eta eraikitzen. Aurkitu nuena ez zen izan neure buru neurotikoak sortutakoa; hala ere, inpresionatu ninduen errealitateak. Argi akitu bat aurkitu nuen: kimioterapia-saio bortitzek jandako emakumea, hezur eta azal, ile arrastorik gabe eta ezer gutxirako adorerik ere ez zuena. Ikusi ninduenean, negar egin zuen eta nik ere malkotan lagundu nion. Luze egon ginen besarkatuta ezer esan gabe, hitzik ez genuelako behar. Jaumak bakarrik utzi gintuen, eta, besteetan bezala, afaria prestatu zuen denontzat. Seme-alaben aurrean ez ginen gaixotasunaz mintzatu, nire proiektuaren buruhausteak eta lorpenak kontatu nizkien, euren eskolako kontuak plazaratu zituzten, landa-etxearen arrakastaz hitz egiten zuen Jaumak, Argi dena eta denei entzuten zegoen bitartean. Ez zuen ezer afaldu, gehienetan bezala, ez omen zuen gogorik. Umeak oheratu ostean, Argiren ondoan etzan nintzen; astiro kontatu zizkidan gaixotasunaren ipi-apa guztiak, tratamenduaren unerik latzena igaro berri zuela, pasatu behar zela, eustea zela bere egitekoa, itxaropentsu zeudela, itxura eskasa zuela baina ez zuela amore emango, hainbeste kostata eraiki zuen guztia ezin zuela utzi, bizitzen jarraitu behar zuela. Han egin nituen egunetan, aurrekoetan ez bezala, Jaumarekin solasaldi luzeak edukitzeko aukera izan nuen, Argiri gaixotasunak neke handia sortzen ziolako eta ohean eta lotan egotea komeni zitzaiolako. Jaumarentzat dena zen Argi eta haren ingurukoa, ez zegoen beste hizpiderik. Sakon hunkitzen ninduen gizonaren samurtasunak ikusten nuenean Argi janzten, garbitzen laguntzen, ohera sartzen, ohetik altxatzen, mokadurik goxoenak prestatzen … eta batez ere, ikusten nuenean nola entzuten zuen, begiratzen zion, besarkatzen zuen… Bartzelonatik bueltan, Pragara bueltatu nintzenean, nik espero baino dezente hobeto aurkitu nuen zorioneko proiektua. Ez zen ezer larririk gertatu ni ez nintzelako gainean egon, ez zen ezer atzeratu, eta aitortu behar dut benetako amorrua sentitu nuela. Ez nintzen nik uste bezain ordezkaezin eta beharrezko, ezta lanean ere. Horretan ere erratuta nengoen! Horrez gain, erabat hutsik sentitu nintzen, Argik inguruan zuen maitasun guztia ikusita, nire bizitza penagarria eta antzua iruditu zitzaidan. Lana eta lana, ez nuen beste burutaziorik beste ezer ez nuelako. Ez nuen familiarik, bikoterik, lagun hurkorik, eta askotan neure burua engainatzen ahalegintzen banintzen ere, nork ninduen ni zainduko, lagunduko, entzungo, begiratuko, besarkatuko? Zertarako nahi nuen irabazten nuen diru guztia ez banuen proiektu propiorik eta norekin disfrutatu? Zertan nenbilen? Handik gutxira, lasaitasuna bueltatuko zidan lan- proposamen berria jaso nuen. Egin berri genuenaren antzeko proiektua zen. Beste bizpahiru urte egingo nituen Varsovian, eta, ez nekienez zer aurkituko nuen Euskal Herrian, eta egindako ihesari aurre egiteko nahiko indartsu ez nenbilenez, diru kontuak ondo lotu ondoren, zirkinik egin gabe onartu nuen proposamen berria. Halere, pozik egon beharrean, tristurak janda nengoen, barrutik arrakalatuta. Varsoviakoak, nire mamuak baretu zizkidan arren, ez zidan jakin-minik bizten, hori ere neketsu egiten zitzaidan: beste hiri bat, beste etxe bat, beste lankide batzuk … Pragan egon bitartean, lankideekin harreman atsegin samarra garatzea lortu nuen, adiskidetasun moduko bat bakar batzuekin, eta akaso horri esker ez nintzen hain isolatuta sentitu, baina hori ere ez nuen aprobetxatzen jakin, eta, tokiz aldatzeko unean, gogoratu nituen Argik hainbestetan errepikatzen zizkidan hitzak; orduan konturatu nintzen nik neuk uxatzen nituela inguruan nituen pertsona guztiak, ez nintzela gauza harreman naturalak sortzeko eta elikatzeko. Konturatu, bai; baina beti bezala, berandu! Nirekin jardun zuten lau taldekideei eskerrak emateko eta proposamen berri bat onartu nuela jakinarazteko, adeitasunak agintzen duenari jarraiki, afaltzera gonbidatu nituen. Guztiek zoriondu ninduten. Euren aurrean pozak zoratzen nengoela adierazi nien, beste erronka berri bat hiri ezezagun batean. Topa egin genuen behin, birritan, hirutan, lautan, barre egin genuen zoriontasunaren iragarki bat egitea enkargatu izan baligute bezala, berandura arte egon ginen pasatutako gorabeherez hitz egiten, algaraka barrez eta elkarri txanda eman ezinik altu berbetan. Jatetxea itxi behar zutelako alde egin genuen, batzuek erretiratzeko ordua ere bazela adierazi zuten. Nik, ordea, ez nuen etxera joateko gogorik; aspaldiko partez berbetan jarraitu nahi nuen, barre egiten, dantza egiteko gogoa ere loratu zitzaidan... Andreei hurreratu zitzaidan adierazten inor ez zuela etxean zain, eta, birritan pentsatu gabe, besotik heldu nion. Andreeik, nik ez bezala, ondo ezagutzen zuen Pragako gau-giroa eta laster topatu zuen non sartu. Nire lankideetan gertukoena bazen ere, ez nekien ezer bere bizitzaren gainean, ez nekien nongoa zen, ezta zein izan zen Pragara etortzeko arrazoia ere. Laster batean, baina, hasi zitzaidan kontatzen bikoteak bat-batean utzi zuelako hartu zuela dena bertan behera uzteko erabakia, urteetako harreman orekatu eta pozgarria egun batetik bestera txiki-txiki eginda geratu zela, azalpenik eta argibiderik entzun gabe. Etxe erdi hustu batean geratu zela emaztea noiz bueltatuko zain: egunak, asteak… Harritu ninduen Andreeiri gertatutakoa eta nik bizi izandakoa hain pareko izateak. Ematen zuen nire bizitzaren pasarterik ilunena deskribatzen ari zela. Agerikoa zen azalpenik gabeko banaketa horrek eragin zion mina eta utzi zion arrastoa. Niri ez zitzaidan batere kosta izan haren lekuan jartzea, eta, konturatu gabe, negar-puxuluz bete zitzaizkidan begiak. Andreeik harrituta begiratu, eta galdetu zidan zein zen nire malkoen arrazoia, ea niri inoiz antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Ez nuen jakin zer esan, une batean pentsakor gelditu nintzen, aitormenari ekiteko tentazioa izan nuen, nire barrua askatzeko; izan ere, modu naturalean hasteko aukera nuen, baina, azkenik, orduan ere, ezetz esan nion, ez nuela inoiz izan harreman luze eta egonkorrik. Tabernatik irten ginenean, ez zebilen inor kalean, haize epelak inguratu gintuen, nik besotik heldu nion, burua altxatu nuen eta zerua izar txiki eta handiz josita zegoela konturatu nintzen. Luze egon ginen paseo geldoan elkarri ezer esan gabe, Andreeiren etxe parean agertu ginen arte, begiratu zidan eta buruarekin baietz esan nion, atea zabaldu zuenean, belusezko sofa granate eder bat baino ez nuen ikusi begien aurrean. Elkarren gorputzak ezagutzen pasatu zitzaizkigun gaueko ordu txikiak eta, eguna zabaltzear zegoenean, sofan etzanda, erdi jantzita eta izerditurik, nire oinak bere izterren artean korapilaturik, eta haren burua nire beso eta bularraren magalera egokiturik esnatu ginen. Egongelako balkoitik ikus nitzakeen, dirdirka, ezkutatzear zeuden bi izar bakarti. Martinengan pentsatu nuen eta, neure bostean, isilean, betiko agurtu nuen “ez zara gaueko izar bakarra, ez zara”. Bizitzak bigarrenez eman zidan sofa granatea opari. Lehenengoa, Bilbon geratu da, betiko; eta, bigarrena, orain, hemen dago. Beharbada, gurekin eramango dugun munduko edozein txokotara bertatik gaueko izarrak ikusteko edo Etxebestetarren azken filma ikusteko. LOREA Soilik lerdoek uste dute isiltasuna hustutasuna dela. Inoiz ez dago hutsik. Eta, batzuetan, komunikatzeko modurik onena isiltasuna da. Eduardo Galeano Seiak eta hamar. Bost minutu geratzen zaizkit makinako kafe bero bat hartzeko, aurreko saioko gorabeherak ahazteko eta datorrenari eusteko nahikoa kemen biltzeko. Egia esan, gero eta gehiago kostatzen zait eguneko azken saiora behar bezala heltzea, ez inplikatzea, neure lekuan egotea, besteen arazoak hoztasunez baloratzea, aholku neurritsuak eskaintzea, aukera egingarriak proposatzea… Ematen du eguneko saio bakoitzean energia apur bat galtzen dudala, zaharkitutako tutu pitzatuek urari ihes egiten uzten dioten bezala. Tamalgarria bada ere, ahul sentitzen naiz, indarge eta akitu. Urteetako esperientziak babestuko nauen geruza gero eta lodiagoa ehuntzen lagundu beharrean, bezeroen estutasun guztiekin osatutako mazkor gero eta zamatsuagoa itsatsi zait azalaren gainean. Askotan, narrasti astun eta geldo bat bihurtu naizela pentsatzen dut, bizitzak beherantz sakatzen nauela: tristuraren erdigunera. Ez dakit zer pentsatuko luketen nire lankide batzuek hau guztia jakingo balute, inoiz sentimendu-mataza honen guztiaren erdiaren erdia aitortzeko ausardia bilduko banu. Seguru nago ez luketela sinetsiko, baina hola nago: saileko burua, gure lanbideko urrezko arauari eutsi ezinik. Seiak eta hamar. Bost minutu geratzen zaizkit Lorearen ikastetxetik gomendatu diguten psikologoarenera heltzeko, ilobak gustuko izango ez duen beste kontsulta batera eramateko eta bertan egingo dizkiguten galdera guztiei erantzuteko nahikoa kemen biltzeko. Egia esan, gero eta gehiago kostatzen zait eguneko eginkizun guztiak egitea, adoretsu mantentzea, ingurukoen txutxu-mutxuei kasurik ez egitea, Lorearen isiltasun tematiari eustea, irtenbide egingarriren bat irudikatzea… Ematen du istripua gertatu zenetik zeharo zahartu naizela, birritan edo hirutan tximurtutako paper-txatal bat bezala. Tamalgarria bada ere, ahul sentitzen naiz, indarge eta akitu. Bizi izandako urteek egoera lazgarri honetatik bideren bat topatzen lagundu beharrean, ezintasuna eta etsipena barru-barrutik barreiatu zaizkit. Askotan, indarra galdu duen hartza bihurtu naizela pentsatzen dut, bizitzak izugarri zigortu nauela: bakerik gabeko eremura kondenatua. Badakit nire inguruko guztiek ez nautela aurrera egiteko gauza ikusten, baina ez dago beste inor, Lorea eta biok bakarrik gelditu gara. Seguru nago askok pozik entzungo eta ulertuko lituzketela nire penak, baina ez diot inori aitorpenik egin nahi, hola nago: amona zahar eta erdi gaixoa, umezurtz geratu berri den nerabearen kargu egin ezinik. Gero eta gehiago gustatzen zait etxera heltzea, batez ere saio gogorren ostean. Gaurkoan, etorri den neskatoari ezin izan diot hitz erdirik atera, ez dit galdera bakar bati erantzun, bere baitan gotortuta sartu da kontsultara eta berdin bukatu dugu; hurbildu ere ez natzaio egin. Haren begiradaren hoztasunak, ordea, leize baten esparru ezezagun eta deserosora bideratu, eta bertan eduki nau kateatuta saioak iraun duen bitartean. Haren isiltasunak menperatu du saioa. Ez dut asmatu, ez dut jakin saioa bideratzen. Amamak azaldu behar izan dit gertatutakoa, eta horrek ekarri dien ezbeharren soka luzea; hala eta guztiz, kontakizun lazgarri horren unerik gorenean ere ez du neskatoak jerarik egin, ez zirudien hezur-haragizkoa, panpina izoztua baizik. Bost hilabete dira eguzkiak ondo jotako Gaztelako errepide batean gurasoak eta ahizpa nagusia betiko hoztu zirenetik. Etxerako bidean zetozen, oporretatik: hegoaldeko argitasunez, itsasoz eta haizez blai. Baina hari finegia da zoriontasuna, eta beste auto baten kolpea nahikoa izan zen hura eteteko. Ordutik hona mutu dago Lorea. Ez du berbarik egiten, ez dio inori ezer esaten. Betiko lagunei ere izotz-begirada horrekin erantzuten omen die eta ingurutik uxatu ditu, amona zaharra lehengo errutinari eusteko gomendio antzuari jarraitzen tematu den arren:etxetik institutura eta handik etxera. Baina kolpera itxi zaizkio ezpainak ilobari, bata bestari itsatsi. Badirudi, inguruko guztia urrun geratzen zaiola eta bera, besteongandik aparte, beste nonbaiten geratu dela, isiltasunaren erresuma idorraren erregina bihurtuta. Amonari min handia egiten dio ilobaren isiltasun tematiak, duen bake apurra ebasten dio, ez diolako uzten istripua ahazten. Orain, zahartu ostean, ikasi behar izan du erabateko isiltasuna edozein garrasi zorrotz baino bortitzagoa dela, jasangaitzagoa eta suntsitzaileagoa; izan ere, etxeko ormak arrakalatu eta pitzatu ditzake erabateko isiltasunaren oihartzun izugarriak. Gero eta gutxiago gustatzen zait etxera bueltatzea beste mediku, psikologo, irakasle edo sasi-aditu baten kontsultatik ezer garbirik atera gabe. Nazkatu samartuta nago: betiko galderak, betiko begirada harrituak, betiko irribarre penatuak, betiko… Hiru hilabete dira Lorearekin medikuz eta psikologoz eraikitako via crucis amaigabea egiten hasi nintzela; batak beste lankide hobe baten izena ematen dit, eta beste horrek beste batena. Askotan, Lorearekin zer egin ez dakitela pentsatzen dut, baina ezin dut etsi. Ez dakit gaurkoak pausorik ematen lagunduko digun, baina aurretik sentitu ez dudan zerbait antzeman diot haren begiradan eta galderak egiteko moduan. Baliteke emakume izateak laguntzea, baliteke emakume hori ama izatea, eta, horregatik, Lorearengana beste xamurtasun batekin hurbiltzea. Nirekin ere oso adeitsua izan da, uste dut berehala konturatu dela Loreak ez ezik neuk ere laguntza behar dudala. Ez nuen inoiz pentsatuko laurogeita hiru urterekin, bizitzaren azken hondarrean, halako zigorrik jasoko nuenik. Amona alargun bati halako loteria makabroa tokatu zitzaiokeenik. Beste burutazio batzuk nituen, bizitza oso bestela bukatzeko planak. Izan ere, uda ostean alabaren etxera joango nintzen bizitzen, ez ninduelako neure kaxa moldatzeko moduan ikusten, zaintza eta deskantsua behar nituela adierazi zion alabari ospitaleko medikuak, bihotza mantsoago zebilkidala, botikei lasaitasunarekin lagundu behar geniela… Aitortu behar dut pozarren nengoela alabaren etxera joateko eta egun osoko konpainia izateko, baina istripuak nire haritxoa ere eten zuen, nahiz eta laurehun kilometroko distantzian gertatu. Pentsatutako guztia lanbroa bezala desegin zen, bat-batean. Lorea eta biok bakar-bakarrik gaude: bera isiltasunaren itzalpean, eta ni gelditzen zaidan indar apurraren garrean. Dena galdu dugu: Loreak, gurasoak eta ahizpa nagusia; nik, alaba bakarraren familiaren babesa. Anttonek jakin-minez entzuten ditu sortzen zaizkidan buruhausteak Lorearekin saioa eduki ostean. Azken hiru hilabetean eta astean birritan horixe izaten dugu afarietako hizpide, nahiz eta Lorearen eta haren amonaren penek mingostasun apur bat ematen dieten Anttonek maitasunez prestatutako arrain erreei eta ondo aukeratutako ardo zuriei. Lorearekin terapian hasi nintzenetik, kosta egiten zaio nire urdail makalari digestioa egitea, tristura murtxikatzea, eta txiki-txiki xehatuta ere, gorputz barruan gobernatzea. Anttonek inoiz ez dit aholkurik eman bere burua ez duelako horretarako gai ikusten, eta bere lanbidea oso urrutiko esparru batekoa delako; halere, zeharo hunkituta entzuten ditu kontatzen dizkiodanak. Loreak izoztuta jarraitzen du, eta amonak gero eta nekatuago onartzen ditu luzatzen dizkiodan proposamenak. Ez nuen uste hiru hilabetean terapian egon ostean, hasierako puntu berean egongo ginenik, seguru nengoen pausuren bat emango genuela, Loreak berak mututasuna abandonatuko zuela eta bihotzeko orbanak sendatzen hasiko ginela. Loreak izoztuta jarraitzen du, eta, askotan, ez dakit zer egin, nondik abiatu, zer proposatu… Miresgarria da, ordea, amonaren kemena eta indarra ikustea, hau da, saio bakoitzaren aurrean jartzen duen itxaropena eta iloba isolamendutik irtengo den konbentzimendua. Amonak erakusten duena nahiko nuke nik, baina beldur naiz, beldur isila eta koldarra, ezkutuan ondo gorde behar dudana. Zerbaitek hautsi behar ditu Lorearen mututasun eta hoztasun horiek, zerbaitek astindu behar du barrutik eta garrasi egitera bultzatu, baina ez dakit zerk eragingo duen irrikaz espero dudan eztanda hori. Badakit Anttonek pentsatzen duela, batez ere horrelakoak entzun ostean, biok biotara zorionekoak garela, eta hartu dugun erabaki guztietatik hoberena izan dela zoritxarrez beteriko mundu honetara umerik ez ekartzeko erabakia. Bizimodu antolatu, ordenatu eta baketsua dugu. Dena kontrolpean. Anttonek bizitzak horrelakoa izan behar duela pentsatzen du; horrexegatik, ez dugu ume negartirik zaindu behar izan, ezta nerabe petral baten ateraldi zitalik jasan ere. Gure lanbideetan aukera izan dugu gogor jokatzeko, lanpostu onetatik hobeetara igotzeko, ingurukoen artean miresmena eta izen ona sendo eraikitzeko. Bidaiatzeko astia ere hartu dugu, munduan dauden paraje liluragarri asko ezagutu ditugu eta urteetan begiak edertasunez bete ditugu. Lorearekin egon ostean, askotan, lotsatuta eta nazkatuta irekitzen dut nire etxeko atea, ondoegi diseinatutako eta jantzitako etxea, eta orduan mundua gaizki antolatutako ekitaldi eskasa eta desorekatua iruditzen zait. Iluntzeetan, saio guztiak bukatu ostean, karpetak itxi, gorde, eta nire paradisura egiten dut alde. Kontsultan utzi behar ditut han entzundakoak, ezin diet utzi etxerako bidea nirekin egiten, are gutxiago nire baitan lekutxo bat egiten. Niretzat ere, hoztasuna da urrezko araua, baina Lorea barruraino sartu zait, erraiak mugitu dizkit, obsesio bihurtzen ari da; akaso, hori dela eta Anttoni ere deskribatu behar diot txikikeriaz ondo hornituta saio bakoitzean gertatutakoa. Egunen batean asmatuko dut, negar egiten ikusiko dut eta lau haizeetara oihukatzen lehertuko da. Seguru nago egun hori heltzear dagoela, zerbaitek aterako duela lozorrotik, zerbaitek apurtu behar ditu mututasun eta hoztasun horiek, zerbaitek astindu behar du barrutik eta garrasi egitera bultzatu. Goizeko hamabiak eta hamar dira. Bost minutu falta dira martxan dudan saioa bukatzeko. Kontsultako atean, baina, kolpe-hotsak entzun ditut: kax-kax. Amorruz begiratu diot erlojuari eta ziurtatu dut bost minutu falta zaizkidala. Berriz ere, kax-kax, behin eta beste behin, gero eta gogorrago eta gero eta indartsuago. Haserre nago. Ez dakit non egongo ote den kontsultako idazkaria, kafe-makinaren ondoan edo komunean egongo dela pentsatzen dut. Haserre nago, ezin dudalako saioa ganoraz bukatu. Eskerrak halako batean idazkariaren ahotsa entzuten ari naizen atearen beste aldean, norbaitekin bakarrizketan. Atean, berriz ere, kolpe-hotsak: kax-kax oso fuerte, oso indartsu. Ahal izan dudan moduan bukaera eman diot saioari; nire onetik aterata egon arren, atsegin eta irribarretsu lagundu diot bezeroari ateraino. Begiradarekin norbait garbitzeko asmoz zabaldu dut ditxosozko atea, eta han Lorea ikusi dut idazkariaren berriketaldiari entzungor. Harritu nau han ikusteak. Loreak arratsaldeetako azken saioak izaten ditu, institutuan egon beharko luke. Ingurura begiratu dut amonaren azalpena entzun nahi dudalako, baina ez dut ikusten. Lorea nire parean dago bakarrik. Amona ez da ageri. Ez dakit nola moldatuko garen, halere saiatu naiz azaltzen erratu dela, arratsaldean etorri behar duela, institutuan egon behar duela. Zergatik etorri den galdetu diot, zer pasatu den jakin nahi dut, eta orduan mila puska nimiñotan kraskatu zaio begietako izotza eta negar-malkotan ito da. Harrituta begiratu diot. Ez dut ezer ulertzen, eta begiak nireetan iltzatuta amonaaaaaaaaaa oihukatu du behin, eta amonaaaaaaaaaa beste behin, eta beste behin gero eta gogorrago, indartsuago. Labankada bat baino mingarriagoa egin zait aspaldi espero nuen Lorearen garrasia. Zerura begiratu dut azalpen eske; baina bai, mundua gaizki antolatutako ekitaldi eskasa eta desorekatua baino ez da. Izutu nau haren bakardadearen tamainak. Neure kontra estutu dut Lorea eta giltzaz itxi dut kontsultako atea. Etxera abiatu gara. Bidetik, eskua estutu dit eta pare bat aldiz gelditu zait begira. Badakit zer galdetu didaten Lorearen begiek. Ez diot ezer esan, baina oso argi daukat erantzuna. Mututasunaren eremuan ikasi dugu elkar ulertzen. Nik ere izerditutako eskutxoa estutu diot. Ez dakit Anttoni zer irudituko zaion, baina uste dut badela garaia kontrolpetik kanpo bizitzen ikasteko. KARIBE ETXEA Teilatu bat Gurea ezkontza tristea izan zen. Herriko eliza nagusitik irten ginenean, ez zen entzun algararik, ez zen ikusi arroz zaparrada zuririk, ez zen sortu –guri muxuak emateko irrikan– lagun ilara zalapartatsurik, ezta –benetan eta bihotzez– zoriontsu izan gintezen desioarekin gure ingurura senitartekorik urreratu ere. Herriko eliza nagusitik irten ginenean, Luis Mariren arreba biak, koinatuak, euren bost seme-alabak, eta nire senar berriaren urteetako adiskide mutilzaharra izan ziren –hotz eta behartuta– hurbildu zitzaizkigun bakarrak. Luis Mari, ordea, pozak zoratzen zegoen; mutiko nerabe txoro baten emozioak betetzen zion arima eta argitzen zion begirada. Luzaroko bakardadea gure ezkontzarekin betiko uxatuko zuela pentsatzen zuen, eta horrek sakon sentiarazten zuen zoriontsu. Betiko amaituak izango ziren otordu bakartiak, domeka arratsaldeetako etxeko isiltasun zamatsua, armairu erdi hutsak eta ohe-kiderik gabeko gau antzuak. Gurasoak hil zirenetik, baserria handiegi gelditu zitzaion; horregatik, goiko pisuko logelak eta egongela handia itxita zeuzkan. Bakar-bakarrik arrebak etxea txukuntzera joaten zitzaizkionean –hamabostean behin eta txandaka– zabaltzen ziren goiko aldeko saretak eta leihoak. Neba mutilzaharrak sukaldearen ondoko gela txiki batean bilduta zeukan behar zuen apurra: ohe estu bat, ispilurik gabeko armairua, aulki herren bat eta mesanotxearen gainean gurasoen ezkontzako erretratu zimurra; hau da, sukaldea, komun txikia eta logelaren azalerak batuta, berrogei metro koadro eskasera mugatzen zen Luis Marinen unibertso iluna. Arrebek errietaka egiten zioten hasierako diosala eta berdin irteten ziren haiek egin beharreko guztia bukatzen zutenean. Ez zitzaien gustatzen nebaren bizimodua, eta etengabeko marmar bakartian ibiltzen ziren astinketan eta garbiketan. Luis Marik ez entzutearena egin behar izaten zuen. Hala ere, sarri askotan mailu handi baten indarrez buru barruan behin eta berriro errepikatzen zitzaizkion arrebon esaldi zorrotzak: “eskerrak gure ama zenak ez zaituen ikusten”, “kaleko eskaleen tankeran bizi zara”, “duintasuna galdu baduzu, sikeran itxurak egin familiagatik”. Bazekien Luis Marik ekaitza baten moduko zaparradari eutsi behar ziola ahalik eta isilen, bazekien arrebei eskertu behar ziela ahalegina eta lana, bazekien bere bizimodu ganorabakoa zuzentze aldera egiten zutela egiten zutena; baina nekatuta sentitzen zen, bere barne bakardade tristean isolatu nahi zuen, ez zuen laguntza gehiagorik nahi, bere bizitza –ona edo txarra– bizi nahi zuen, bakean. Argi gorri bat Larunbat iluntzeetan, dutxatu eta arrebek garbitutako arropa berrienak jantzi ostean, herrira abiatzen zen baten batekin egoteko esperantzan. Gehienetan, Esteban izaten zen bere konpainia bakarra, urteetako berbalaguna. Luis Mari gizon estimatua zen herrian, bere adineko gehienek agurtzen zuten, jatorra eta langilea zela uste zuen jendeak, baina gaztetako lagunek beste bizimodu bat zeukaten: andrea, seme-alabak, beste obligazio batzuk… eta Luis Marik ez zuen lekurik inoren bizitzan. Horregatik, plaza ondoko tabernetan pare bat txikito edan ostean, Estebanen alboan pilota-partida telebistan ikusi ondoren, berriz ere etxerako bidean jartzen zen hurrengo zapatu iluntzera arte. Lantzean behin, tristurak gogor kolpatzen zuenetan, bortitz eraso egiten zionetan, Pettit Maison izeneko etxean sartzen zen burumakur eta erdi lotsatuta. Farola single gorri batek argitzen zuen herritik kilometro pare batera zegoen etxe bakartia, han emakume eder eta gazteekin egoteko aukera izaten zuen. Baina, ez zen ausartzen. Ez zen inorekin berbetan hasten, nahikoa zuen begiratzearekin. Gustuko zuen emakume haien papar-alde irekietan –inor konturatzen ez zenean– begirada sartzea, ipurdi biribil oparoen kulunkan amets egitea, ezpain gorri distiratsu haiei so egarria asetzea. Etxe barruko taberna moduko barran iltzatuta gelditzen zen, koñaka eskatu, eta edan bitartean, han egon. Besteek bizitzen zutena ikusten egon, besteen bizitzaren ikusle izan. Gabonetako larunbat batean, Luis Mari Estebanekin elkartu zen. Ohiko txikito parea hartu zuten ingurukoen alaitasun behartuari begira, eta beste bi hartu zituzten ospatzeko ezer izan ez arren, eta beste bi haiek beste bi hartzeko gogoa biztu zien zoriontsu egoteko eskubidea bazutela aldarrikatu eta gero. Orduan, alkoholaren langa gainditzeak ematen duen ausardiaz baliatuta, Estebanek aitortu zizkion Pettit Maisonen pitean-pitean izaten zituen abenturak. Luis Marik ez zekien horiek guztiak erdi asmatuak edo benetakoak izan zitezkeen; zirenak eta –seguruenik– ez zirenak bota zizkion, baina denak handiarekin aurrera. Entzundako kontu guztiek adorea eman zioten –aurretik, inoiz ez bezala– beste intentzio batekin argi gorri batek argitzen zuen etxe isolatu hartan sartzeko. Bertan zeudela, aurretik ezagutzen ez zuen neska beltzaran eder bat inguratu zitzaion, tratua egin zuten, goiko pisura igo, eta, ordura arte ezagutu gabeko lasaitua eman zion zahartzen hasita zeukan bere gorputz baldarrari. Egun horretatik aurrera, asteak ematen zituen emakume haren esku luzeekin amets egiten, haren adats kiribilen artean atzamarrak kateatuta zituela pentsatzen, haren azal beltzaranaren usaina gogora ekartzen. Horrela, astero, zapatu guztietan elkartzen hasi ginen Luis Mari eta biok . Zuri izandako etxe bat Aste batek beste bat ekarri zuen, zapatu batek beste bat, eta beste bat…, eta udaberriko astegun batean herrira jaitsi behar izan zuen Luis Marik, ezinbesteko eginkizunak zituelako bertan; bukatu zituenean mandatuok, mokadu bat hartzeko betiko tabernan sartu zen. Bihotza irauli eta saltoka hasi omen zitzaion saihetsen kartzelatik ihes egin nahian, han ikusi ninduelako katilu ketsu baten aurrean, eta, beste ezer pentsatu gabe, gerturatu zitzaidan. –Egun on, Margarita. Asko pozten naiz zu ikusteaz. Hau ustekabea! –Egun on, Luis Mari. Ni ere pozten naiz eta benetan eskertzen dizut hurbildu izana, baina ez dut uste komeni zaizunik nirekin egotea jendearen aurrean. Hau herri txikia da eta hemen inork ez dit kalean hitz egiten, inork ez nau agurtzen, ezta ezagutzen ere, nahiz eta guztiek dakiten nor naizen, eta non egiten dudan lan. Uste dut hobe duzula beste mahai batean jartzea, badakizu zenbat hitz egiten duen jendeak… –Ez zait inporta, ez naute txutxu-mutxuek beldurtzen; eta gainera oso gustura hartuko nuke zerbait zure konpainian. Luze egon ginen berriketan. Bere bizitzaren zenbait gorabehera kontatu zizkidan, zelan joan zitzaizkion urteak igarri gabe, zenbat ordu ematen zituen bakarrik egunero-egunero baserri handiegi hartan, eta zein galduta zeukan bizitza aldatzeko itxaropena. Nik ere kontatu nion lau bat esaldira mugatu nahi izan nuen nire biografia urria. Hala eta guztiz ere, bitxia zen egiten ari nintzena, nire bezeroei ez nielako ezer aitortzen nire iraganaz; baina, beste inor ez zen herriko plazako tabernan –inoiz ez, eta are gutxiago egun argitan– nirekin jesarri zerbait hartzen. Ordubete egongo ginen guztien begiradapean; berandutu zitzaigunean Luis Marik ordaindu zuen biona, eta, Land Roverrean sartuta, eraman ninduen etxera. Hurrengo asterako hitzordua –egun eta toki berean– jarri genuen, biok genuelako barrua askatu beharra, hitz egin beharra. Konturatu gabe, oso era naturalean, hasi ginen eroso egoten elkarrekin. Hasierako ordubetea luzatu genuen, eta nire egun librea elkarrekin pasatzen hasi ginen zuri izandako etxe erdi itxi batean, sukalde ondoko gela txiki bateko ohe estuan. Aste batek beste bat ekarri zuen, ostegun batek, eta beste bat…eta uste dut poliki-poliki hasi nintzela Luis Mari ezberdin ikusten, herriko beste gizon guztien aldean ausartagoa iruditzen zitzaidan, ez zegoelako herri txatxar hartako esames ustelen menpe. Egia zen ez zela nire ametsetako gizona: nire ondoan urte piloa zeuzkan, kilotan ere ezberdintasun esanguratsua zegoen bion artean (sabelaldean, batez ere), urteek bakandutako ile fin batzuk baino ez zeuzkan, lanak zakartutako esku handituak eta betazpi saonek azpimarratzen zituzten ilusioa galdutako begiak. Laburbilduz, ez zeukan zerikusik nire ametsetako Waldorekin. Urrutiko herri bat Behin ezkonduta, zuri izandako baserri zaharrari karibeko etxe baten itxura eman genion laster batean. Biok jarri ginen lanean: goiko pisuko leihoak eta ateak zabaldu genituen; pintura berdez, laranjaz, granatez eta urdinez pintatu genituen hormak; lorez eta landarez bete nituen barruko gelak eta etxeko balkoi luzea. Bion logela goiko pisuan jarri genuen, Luis Mariren arropa zaharrak zaku batean sartu eta bota nituen, ispilu handi bat eskegi genuen ohearen parean, eta horrela hasi zen –gainerako guztien harridurapean– gure bizitza berria. Luis Mariri esker irten nintzen hainbeste gorrotatzen nuen etxe hartatik, gainera berak zuen guztia eman zidan. Eskertuta sentitzen nintzen; xamurtasunez begiratzen nion nire senarrari, bere ondoan bizitzea benetan erraza zelako, baina ezin nuen uxatu Waldoren irudi tematia nire burutik, batez ere Luis Mariren gorputza ukitzen behartuta sentitzen nintzen bakoitzean. Ezkondu eta urtebetera, familia ikustera joan nahi nuela esan nion Luis Mariri. Aspaldiko desioa zela aitortu nion, bost urte zirela karibe aldetik joan nintzela eta gure ama bizirik ikusi nahi nuela, ahizpekin egon, loba jaioberriak ezagutu, nire herria berriz zapaldu. Primeran ulertu zuen nire nahia eta lagundu zidan bidaia prestatzen, guztientzat bion partez opariak erosten, eta diru kopuru dezentea eman zidan etxekoen artean partitzeko. Bidaia hamabost bat egunekoa izango zela adostu genuen; itxura batean nahikoa egin nahi nuen guztia egiteko. Baina ez nion esan han gelditzeko erabakia hartua nuela, ez nintzela inoiz gehiago bueltatuko, familiaren hutsunea handia zelako, eta batez ere Waldoren faltak gaixotu-erotu behar ninduelako. Nire gorputzak berea behar zuen, nire azalak bere eskuen dantza sentitu behar zuen, ezin nuen maitasunik gabe bizi, Waldo behar nuen arnasa bueltatzeko, bost urtean gordetako maitasun itoa kanporatzeko, eta gorputza bizirik nuela egiaztatzeko. Dirua egiteko esperantzan etorri nintzen eta ezin nuen ezer gabe bueltatu. Ez nion Luis Mariri minik egin nahi, baina ezkontzeko eskatu zidanean, argi ikusi nuen nire zulotik irteteko aukera nuela, herrira abiatzeko dirua aitzakiarik gabe emango zidala, eta Waldorekin utzitakoa berreskuratzeko beste unerik ez nuela izango. Waldok nire zain egongo zela agindu zidan, eta jakin banekien horrela izango zela, baina ez bizitza osoan. Bestetik, ezin nuen gehiago itxaron. Banekien Luis Mari lur jota geldituko zela nire ihesaren ondoren, horregatik ezin nuen denbora gehiago bere ondoan eman, ezin nuen luzaroago engainatu, gainera nire sentimenduak ere gero eta nahastuago nituen, esker ona maitasun moduko batekin uztartzen hasia nintzelako. Herrira heltzea izugarria izan zen. Berriro sentitu nituen karibeko berotasuna eta musika bihotzean eta erraietan itsatsita. Poztasun, musu, besarkada eta barre zaparrada bat izan zen nire itzulera. Zoriontsu nengoen ama eta familiakoak ondo zeudelako, eta, nik bidaltzen nien diruari esker, bizitza duina zeramatelako; baina egun batek beste bat ekarri zuen, eta beste bat, eta senitarteko gehienak ni ikustera eta agurtzera etorri ziren, ezagunak eta lankide ohiak, auzokoak eta ingurukoak, baina ez zegoen Waldoren arrastorik. Hamabost egunak igarri gabe pasatu zitzaizkidan, inork ez zidan galdetzen noiz bueltatuko nintzen, edo zein asmo nuen. Hasierako emozio-zurrunbiloa baretu zen, eta eguneroko bizitzak bere bidea hartu zuen; nik espero ez nuena, ordea. Baneramatzan pare bat hilabete nire herrian, hiritik Jenifer –lehengusina eta gaztetako laguna– ni ikustera etorri zenean bere lau seme-alabekin; elkar ikusteak poztasun itzela eman zigun bioi, aspaldiko kontuak ekarri genituen gogora, aspaldiko ibilerak eta amodioak, barre algaraka jardun genuen kontu kontari kotxe trauskil baten klaxonak dena eten zuen arte. Jeniferrek alde egin behar zuen, senarra zeukan kotxe barruan zain. Nik, baina, ezagutu nahi nuen Jeniferren gizona, nahiz eta berak kontrako imintzioak egin, nahiz eta presa handia zutela azkar eta urduri antzean errepikatu. Ez nion kasurik egin, noski; etxe aurreko espaloira abiatu nintzen, eta, kotxera hurbildu ahala, pausuak moteltzen hasi zitzaizkidan, bihotzak errementatzeko moduko abiadura hartu zuen bitartean. Waldo ez zen kotxetik atera, irribarre derrigortu batez begiratu zidan, eta burua makurtu zuen. Ez zidan hitz bakar bat luzatu, ezta maitasun keinu txiki bat egin ere. Jenifer eta haien lau seme-alabak hartuta, alde egin zuen kortesiazko “zer moduz” xume bat esan gabe. Une hartantxe ulertu nuen zergatik ez zituen nire gutunak erantzun, konturatu nintzen ez zela nire itzuleraren zain egon, argi ikusi nuen Waldoren maitasun hitzak hasieratik izan zirela ustelak eta ez nintzela inoiz ezer izan bere bizitzan. Argitasun gabeko karibea Bat-batean nire karibeak kolorea galdu zuen, dena ilundu zen, guztiak galdu zuen interesa niretzat, ez nuen gelditzeko arrazoirik eta gelditzen zitzaidan diru apurrarekin ezin nuen pentsatu zer egin: alde egin edo bertan geratu. Ez nekien non zegoen nire lekua, lotsatuta eta erabat zaurituta sentitzen nintzen, nekien gauza bakarra zen gaizki jokatu nuela nire bizitzaren karta-jokoa: gaztetan, maitasuna nuenean, dirua egiteak bultzatuta, ozeanoa zeharkatu nuen; urteak pasatuta, dirua eta erosotasuna lortu nituenean, gaztetako maitasunaren bila berriro ere ozeanoa zeharkatu nuen. Beste bati gertatutako pasadizo xelebrea zela ematen zuen; baina, ez; nire bizitzaren laburpen mingarria zen. Gaixotu nintzen, ahuldu, makal eta indarrik gabe gelditu nintzen. Amak xamurki zaintzen ninduen, ezer galdetu gabe; medikua etortzen zen ni ikustera, hiru egunetik behin; familiakoek egiten zidaten konpainia, egun guzti-guztietan. Inork ez zekien zein izan zitekeen nire gaixotasunaren funtsa, baina klima aldaketari, larregizko beroari eta beste zenbait txepelkeria inuzenteri egozten zioten nire ondoeza. Nik bitartean, bizitzari aurrez aurre begiratzeko kemena galdu nuen, eta gaixotasunean aurkitu nuen babesa: ez nuen ezer egiten, ez nintzen ezertaz arduratzen, ez nuen kalera irteteko gogorik eta gero eta gusturago onartzen nituen etxekoon mimoak eta ferekak. Goiz batean, ohean nengoela, amak Euskal Herritik heldutako eskutitz bat luzatu zidan. Atzealde zuriari begiratu nion eta, lozorrotik kolpean esnatuta, berehala urratu nuen gutun-azala. Margarita, maitea: Badira zenbat hilabete gure ingurutik alde egin zenuela, eta bihotz-bihotzez espero dugu zu eta zure familia guztia ondo egotea. Carmenek eta biok asko pentsatu dugu zuri gutun hau bidali aurretik, baina kontuak bere onera eta baretu beharrean, kontrarako bidea hartzen ari dira. Zuk alde egin zenuenean, eta Juan Marik ez zinela bueltatuko ulertu zuenean, erabat gaixotu zitzaigun: ez zuen ezertarako ganorarik, baratzako lanak bertan behera utzi zituen, egun osoak ematen zituen ohean etzanda, ez zuen jaten eta ez zen larunbatetan herrira jaisten; laburbilduz, galdu zuen bizitzeko adorea. Hasieran, pasatuko zitzaiolakoan geunden, denbora kontua zela pentsatzen genuen. Baina orain dela denbora gutxi hasi da zure itzulera prestatzen, berak dio laster bueltatuko zarela eta etxea zure gustura jarri behar dugula: landare ximelak kendu eta berriak jarri behar ditugula etxeko bazter guztietan, dena garbi eta txukun egon behar dela…. Behin eta berriro esan digu telefonoz deituko dizula, zehatz-mehatz jakin behar duela noiz itzuliko zaren zure bila aireportura joateko.Ikaratuta gaude, eta ez dakigu zer egin. Guk bagenekien zuen ezkontza gezur hutsa zela, zure moduko emakume bat ezin zela gure Luis Marirekin maitemindu, eta espero genuen egin zenuenaren antzeko zerbait gertatzea. Badakizu guk ez genuela ondo ikusten zuen artekoa, are gutxiago Luis Marik bere ondasun guztiak zurekin partekatzeko paperak egitea, baina ezin izan genion hori burutik atera eta horrela gertatu zen gertatu zena. Nahikoa min egin diozu, diguzu guztioi. Orain, Luis Mari majo izorratu ondoren, pozarren egongo zara zure etxekoekin, baina txiripa batez Luis Marik zurekin hitz egitea lortuko balu, arren, ez eman esperantza faltsurik, ez esan itzultzeko asmoa duzunik, berarekin akordatzen zarenik edo antzekorik. Gu bagabiltza ahaleginak egiten begiak behingoz zabal ditzan, baina alferrikakoa da guk esaten diogun guztia eta horregatik erabaki dugu zuri gutun hau idaztea, seguru gaudelako gure neba ahaleginduko dela zurekin berba egiten. Jakin badakigu aurpegira barre egin diguzula, dirua eman zizula Luis Marik bidaia egiteko eta etxekoei eramateko, baina ez dugu zurrunbilo beltz honetan beherago jaitsi nahi, duintasun apur bat behar dugu eta Luis Mariri zutaz duen irudi faltsua ezabatu behar diogu. Ez pentsa, ordea, zurekin gaizki jokatu nahi dugunik eta egin diguzuna ordainarazi nahi dizugunik, hori dela eta, berriro gure bizitzetan inoiz sartuko ez zarela ziurtatzen badiguzu, prest gaude diru-kopuru bat bidaltzeko hilabete guztietan. Azken batean, familiakoak ere bagara. Ulertuko duzulakoan: Zure koinatak: Carmen eta Elvira Karibe Etxea Carmenen eta Elviraren artean zintzilikatu dute Karibe Etxea zabaldu zeneko urteurreneko jaiaren argazkia. Jai bikaina prestatu genuen denon artean, inguruko herrietako jende mordoa etorri zen, gure alkatea ere bertaratu zitzaigun, ohiko bezeroak eta ez horren ohikoak, familia osoa eta gure lagun guzti-guztiak. Argazkian denok agertzen gara irribarrez: Luis Mari eta biok beheko ilararen erdian, eta, gure albo banatan, Carmen eta Elvira beraien senarrekin. Nork sinetsiko luke holakorik orain dela hiru urte, Kubatik esku hutsik bueltatu nintzenean? Nork pentsatuko luke inguruetako jatetxerik preziatuena Luis Mariren baserri zaharberritua izango zenik? Nork antzemango luke Elviraren senarra, lanik gabe geratu zenean, Luis Mari eta bion langilea izango zenik? Nori okurrituko litzaioke herriko putetxean lanean egondako emakumeak hain negozio biribila sortuko zuenik? Pentsaezina! Karibe Etxearen bigarren urteurrenean, herriko alkateak berak itxuraz prestatu gabeko diskurtso txiki bat bota zuen nire kemena goraipatzen, krisi garaietan irudimena erabili behar zela, Luis Marik eta biok erabili genuen moduan, ditugun baliabideei etekina ateratzen ikasi behar zela… Barregarria da, ezta? Pettit Maisonen lan egiten nuenean, Luis Marirekin ezkondu nintzenean, Kubatik errudun eta lotsatuta bueltatu nintzenean, inork ez ninduen aurpegira begiratzen, ez nuen ezertarako balio, ez nintzen inor, ez nuen lagunik, eta Luis Mariren familiak sano gorrotatzen ninduen. Orain, ordea, Karibe Etxeko señora naiz, Karibeko sukaldaritza Euskal Herrikoarekin uztartzen asmatu duen jatetxeko arima eta buru, askoren eredu, emakume ekintzailea… Harrigarria da, ezta? Bai, harrigarria hainbeste lagun edukitzea, Luis Mariren etxekoek eta herrikoek, orain, horren ondo ni onartzea! Ahalegintzen ari naiz egunero-egunero sasoi bateko irainak eta isekak barkatzen eta ahazten, erraza ez den arren. Luis Marik laguntzen dit horretan, inork baino hobeto ezagutzen duelako barkamenaren artea. Bere ondoan onartu ninduen eta, egun, maite nau ezer leporatu gabe, ezer galdetu gabe, bakarrik esan zidan luze egin zitzaizkiola kanpoan pa Nik, gelditzen zitzaion diruarekin, jatetxe hau jartzeko ideia eta kemena eman nizkion, eta horri esker herriko mutilzaharra izatetik modako jatetxe dotore baten jabe izatera pasatu da; tristuraren putzu iluna betiko atzean utzi du, eta erakutsi nahi izan diot Karibearen bizitasunaren alaitasuna zuri izandako baserri zahar batean ere gauzatu daitekeela. REMEDIOS ̶ Remedios, Remedios dut izena. Hori esan, eta, zerbait esango niolakoan, begira-begira gelditu zitzaidan. Beharbada, mutututa gelditu nintzelako errepikatu behar izan zidan bere izena: astiroago, hobeto ahoskatuta, eta azkeneko pluralgilea dezente luzatuta. ̶ Re-me-di-osssssss naiz. Zorioneko izena hirugarrenez errepikatu zidanean, burua makurtu nuen eta barrura sartzeko imintzioa egin nion, hitzik esan gabe. Beste behin ere, lo gelditu nintzen egongelako besaulkian eta ateko txirrinak kolpean esnatu ninduen. Nire itxura errukarriaz lotsatu nintzen, iruditu zitzaidan nire betazpi urdinkaretan eta bekokiko zimurretan iltzatu zuela bere begirada gazte eta freskoa, konturatu zela banuela bizitzan zer konpondu, zer aldatu; eta ahoskatutako ese luzatuak arindu zezakeela gainean neraman zama., Ez, ez zen erratu. banuen erremedio bat baino gehiagoren premia. Ez zitzaidan, beraz, gaizki etorriko erremedio sortzaile eta banatzaile bat nire inguruan, erremedioak pluralean zabalduko zituen norbait. Etxeko egongelara sartu, eta aurrez aurre eseri ginen biok. Egoeraren berri eman nion, gehiegi zehaztu gabe, ez bainekien lana komeniko zitzaion ala ez, eta, kanpoko inoren jakin-minik sortzen ez zuten arren, gure bizitzaren gorabeherak ahalik eta gordeen mantendu nahi nituen. Remedios hasiera-hasieratik gustatu zitzaidan, eta ez bakarrik bere izenak eragin zidanagatik. Ez dakit zer izan zen, baina aspaldiko partez lasaitasun apur bat sentitu nuen biok berbetan ari ginela. Erraza izan zen tratua ixtea. Bazuen esperientziarik, lan egiteko gogorik; bazuen entzuteko pazientziarik, eta, hurrengo egunetik bertatik, gurean hasteko aukerarik. Iluntze hartan, Remediosekin hitz egin ostean, amaren etxetik bertatik deitu nion Martini, ez ohiko alaitasunez. Bera ere bazebilen baretzeko premian, eta gure bizitza hobetuko zuen elkarrizketaren zehaztasun guztiak eman nahi izan nizkion ahalik eta lasterren. Gure ama gaixotu zenetik, oso ordu gutxi egiten nituen etxean. Lanetik irten, eta amarenera joaten nintzen gure etxea zapaldu gabe; arratsalde osoa ematen nuen bertan. Amari afaria eman ostean eta oheratu ondoren, etxera joaten nintzen, gaueko hamarrak aldera: lur jota eta ezertarako adorerik gabe. Gehienetan, seme-alabak lokartuta aurkitzen nituen eta Martin eguneroko nekeak eragindako erneguan murgilduta. Ohitu ginen saltsa lodian egositako isiltasuna afaltzen, harik eta nire neba-arreben telefono-deiek mahaitik altxarazten nindutenera arte. Egunero, urrutiko ardurak arintzen eta lasaitzen ahalegintzea ere tokatzen zitzaidan, ni nintzelako amaren inguruan bizi zen bakarra. Ezin dut esan amaren zahartzaroko bakardadeak eta ondorengo gaixotasunak kezkarik eragiten ez zietenik, ahal zuten bakoitzean etorri etortzen zirelako eta laguntza eskaintzen zidatelako, baina jakina da zaila dela bostehun kilometrotik gorako distantziatik ezer konpontzea. Sei hilabete neramatzan martxa zoro horretan, eta, hasieran dena kontrolpean nuela uste nuen arren, pare bat hilabetera konturatu nintzen nire bizitzako oreka ahulari arrakala izugarri sakonak ageri zitzaizkiola. Gure egunerokotasuna leizez eta amildegiz betetako bide zulatua baino ez zela, nik neure borondatez eta kosta lain kosta, zeharkatu nahi nuen bidea, baina Martinek eta gure seme-alabek ez zuten parte hartu erabaki horretan, eta uste dut eurei malkartsuegia eta, askotan, zentzugabea iruditzen zitzaiela. Dena aldatu zen edo aldatu behar izan zen. Ez nintzen umeen bila eskolara joaten, ez nien laguntzen etxerako ariketak egiten, ez nintzen joaten zapatu goizeko saskibaloi edo futbol partidetara, ez nituen medikuarenera nik eramaten, ez nien afari gozorik prestatzen, ez nituen haien eskolako gorabeherak entzuten. Den-dena Martinen esku laga nuen, amaren egoeraren latzaz jabetuko zirelakoan, baina umeak txikiegiak ziren hori guztia ulertzeko eta bakarrik sentitzen zuten amaren falta itzela. Martinen iritziz gehiegizkoa zen nire familiarekin nuen ardura etengabea eta atxikimendua. Ez zituen normaltzat jotzen, eta batez ere amarekin nuen obsesioa. Akaso, gurasoak gaztetan galdu zituelako ez zuen nire jokabidea ulertzen, ez zidan gauza handirik esaten ezta ezer leporatzen ausartzen ere, baina haren konplizitatea eta maitasuna inoiz baino gehiago behar nuenean, berak entzungorrago erantzuten zien nire laguntza-garrasi mutuei. Ondo ezagutzen genuen elkar. Martin eta gure ama ez ziren inoiz ondo konpondu, nahiz eta, gehienetan, nire aurrean itxurak egiten ahalegintzen ziren. Ezkondu aurretik, amak ez zidan inoiz ezkutatu ez zuela batere gustuko: gizon azala iruditzen omen zitzaion, kalean eta hortik zehar firin-faran ibiltzeko modukoa, ez ganorazko familia bat sortzeko egina. Esaten zidan bizimodua gogorra dela eta gizondu gabeko senar batekin arrastaka baten emango nuela bizitza osoa, hainbeste mutil egonda hobe nuela begiak ondo zabaltzea. Ez zuen ezertarako Martin aintzat hartzen. Egiten eta esaten zuen guztia xelebrekeriekin edo inuzentekeriekin uztartzen zuen; gainera, grazia zipitzik ere ez zion egin jakiteak Bilboko Zazpi Kaleetan ireki berria zuela denda bat antzinako eta bigarren eskuko liburuak saltzeko, jakin zuen une beretik denbora-pasa erromantikoaren etiketa jarri zion bere lanbidea izango zen horri, etekin urriak emango zituen negozioa, eta inolaz ere etxe batean sor zitezkeen gastuei aurre egiteko modukoa. Ezkondu ostean, euren artekoa ez zen batere samurtu. Hori dela eta, ustezko errespetuan oinarritutako hoztasun gero eta sendoagoko horma ikusezina altxatu zuten bien artean, baina, jakina, bakoitzak bere aldetik. Hortaz, laga ninduten gustuko ez nuen eremu arrotz eta ozpelaren erdigune ezerosoan, ez batera ez bestera egin ezinik: alde batetik, sei seme-alabaren ama alargunaren bakardadea arindu nahian; bestetik, maite nuen gizon zoro horren emazte izateko ahaleginean. Zaila zitzaidan biek tenkatzen zuten sokaren gainean dantzatzea, oreka mantentzea eta mutur batetik bestera pasatzea. Ez zidaten laguntzen, ez zidaten eskurik luzatzen, ezin ninduten konpartitu; izan ere, ez batak ez besteak ezin zuen amore eman, eta urteekin horma zena muga bihurtu zen. Medikuak gupidarik gabe mintzatu zitzaizkidan; horregatik, ilargiaren islarik gabeko gau beltza baino etorkizun ilunagoa deskribatu zidaten. Nik, ordea, ez nuen sinetsi nahi amaren despiste modukoak – gero eta sarriago azaltzen ziren horiek – konponketa bako gaixotasun lazgarri baten adierazle argiak zirenik. Ezin nuen gure ama txotxinduta irudikatu, gero eta ahulago, egunetik egunera ezgauzago. Ez nuen begien aurrean nuena ikusi nahi. Tamalez, iragarri zidaten guztia urratsez urrats gauzatu zen. Goizero, pare bat aldiz deitzen nion bulegotik. Batzuetan, lasaitu ederra hartzen nuen betiko amak erantzuten zidala iruditzen zitzaidalako, beste batzuetan, ostera, ez nuen lortzen elkarrizketa ganorazkoan jarduterik; ez zidan ezer ulertzen, eta edozein saltzaile lotsagabe banintz bezala eskegitzen zidan telefonoa, bere alaba nintzenik konturatu gabe. Arratsaldero, ama ikustera joaten nintzen, eta aitortu behar dut gero eta beldurtuago zabaltzen nuela etxeko atea. Ezinegon itzela sortzen zidaten arratsaldeetako bisitek, tripak uzkurtuta egiten nion lehenengo diosala, zertan harrapatuko nuen beldur. Gehienetan, egoera sinestezinak eta elkarrizketa surrealistak bilbatzen genituen, eta normaltasuna gero eta urrutiago ikusten nuen. Kosta lain kosta lagundu nahi nion amari, zurrunbilo zoro horretatik atera nahi nuen. Hala ere, medikuek agintzen zizkioten botiketan ere ez nuen aurkitzen behar zuen soluziorik. Beharbada, gure ama ez zen luzaroko izango, eta denbora horretan nire bizitzaren norabidea aldatzeari normala irizten nion. Ama zaindu nahi nuen, guri emandakoaren pusketa nimiño bat bueltatu nahi nion. Bidezkoa neritzon. Neba-arrebak kanpoan zeuden, eta zegokidan ardura bete nahi nuen. Remediosek salbatu gintuen. Poliki-poliki gure etxeko bizitza lehengo arrastora bideratu zen. Seme-alabak berehala bueltatu ziren galdutako amaren babesaren aterpera: ikasten laguntzen nien, euren kontuak entzuteko astia hartzen nuen, katarroa batzen zutenean medikuarenera eramaten nituen, zapatuko partidetan euren jokaldiak sutsu txalotzen nituen. Martinek liburu-dendan atzeratutako lanari ekin ahal izan zion, eta bion esparru gaineko zeruan ostarteak zabaltzen hasi ziren, berriz ere hasi ginen elkarren ondoan epeltasuna igartzen, eta, konturatu gabe, etxeko atetik eta leihoetako zirrikituetatik hego haizeak dakarren zoriontasun leuna sartu zitzaigun. Neba-arrebek ere izugarri eskertu zuten Remediosek gure bizitzetan ezarri zuen erremedio-segida. Distantziak amaren zaintza eragozten bazuen arren, ez ziren lehen bezain errudun sentitzen, bazekiten Remedios zegoela amaren alboan, amak nahi edo behar zuen guztirako, eta ez zegoela bakarrik. Horrez gain, argi zuten eguneroko sartu-irtenak egiten jarraituko nuela, eta ez nuela ardura guztia bertan behera utziko, baina neurritsu egingo nituela, nire etxekoen bizimodua hondatzen jarraitu gabe. Espero baino hobeto zihoan guztia, denok berreskuratu genuen galdutako oreka. Guztiontzat izan zen irtenbide egokia, niri hori onartzea asko kostatu zitzaidan arren. Gaixotasunak bueltarik ez zuela izango jakin genuenean, ahizpa nagusiak egun osorako emakume bat hartzea proposatu zidanean, ezezko biribila bota nion, neuk zaindu eta lagunduko niola, moldatuko nintzela, zela edo hala aurrera egingo nuela, egin behar nuela. Ni horretan tematuta nengoen bitartean, handik gutxira jakin nuen Martinek nire ezkutuan hitz egiten zuela nire neba-arrebekin, eta gure arteko ipi-apa guztiak eurei kontatzen zizkiela. Hori jakitean, pare bat aste eman nituen erabat muturtuta, haserrearen garrak hartuta, bai Martinekin bai neba-arreba guztiekin. Sentitzen nuen inork ez zuela nire ahalegina aintzat hartzen eta ez nindutela gai ikusten neuk bakarrik ama zaintzeko. Erratuta zeudela oihukatu nahi nien banan-banan begietara begiratua, baina haserreak elikatuta ere neure burua gero eta nekatuago eta estutuago sumatzen nuen, amak gero eta gehiago behar ninduen, beranduago heltzen nintzen etxera eta Martin bakarrik afaltzen hasi zen. Neba-arrebei ez nien deirik hartzen, azalpenik merezi ez zutelakoan eta irmo eusten nion neure temari arratsalde batean amak txirrist egin, eta lurrera erori ostean, ama altxatzeko Martini deitu behar izan nion arte. Gerora frogatu nuen besteek arrazoia zutela. Ama ere lasaiago zegoela esango nuke, atsegin zitzaion pertsona bat egun osoan bere ondoan egotea; ez zen ezertaz arduratzen Remediosek erremedioa jarri ziolako egin beharreko guztiari: etxea txukun eta dotore mantentzen zuen, erosketa txikiak egitera amarekin joaten zen, otorduetarako mokadu gozo askoak prestatzen zizkion, arratsaldeetan pasieran ibiltzen ziren edo elkarren ondoan telebista ikusten gelditzen ziren. Dena den, ama gero eta nahasiago ikusten nuen: ez zuen ezer egiten, jesarrita pasatzen zitzaizkion orduak minutuak lez, aspaldiko kontuak baino ez zituen errepikatzen, eta agertzen nintzenean ezagutu ere ninduen egiten. Banekien gaixotasunaren bidea horixe zela, baina izugarri mintzen ninduen Remedios tratatzea ni banintz bezala. Deitu ere horrela deitzen zion, nire izenez: Ane. Ni, ordea, ez ninduen ezagutzen. Ez zekien auzokoa edo medikua nintzen: Batzuetan, “Ane, laztana, lagundu ateraino bisita egiten etorri den andre honi” esaten zion Remediosi; beste batzuetan, “ez dakit nor den andre hau” xuxurlatzen zion Remediosi belarrira. Horrelakoetan, arin egiten nuen alde, ezin nuelako jasan amarentzat ni ikusezina izatea. Batzuetan, gure etxera lur jota heltzeaz gain, amorru bizian egoten nintzen. Holakoetan, Martinek barre egiten zidan aurpegira, eta jeloskor nengoela esaten zidan Remediosen lekuan egon nahiko nukeela. Nik, ezetz. Ez zuela tutik ere ulertzen. Ea ondo iruditzen zitzaion Remediosek janztea aitak aspaldi amari oparitutako eraztunak eta zetazko zapiak. Martinek, ez nuela zertan kezkatu, ez larritzeko horrenbeste, txikikeriak baino ez zirela, gaixotasuna zela amaren eraldaketaren arrazoi, eta amarekin obsesionatuta nengoela berresten zidan. Ni nintzen, beraz, konforme ez zegoen bakarra. Sentitzen nuen minaren minaz apur bat urruntzen ahalegindu nintzen. Eguraldi eguzkitsuko egunetan, ez nintzen hurbildu ere egiten haiek egoten ziren parke ingurura. Ez nuen nahi ikusi ama Remediosen eskutik helduta, mingarria zitzaidan “hau dut alabetan gazteena” amaren ahotik entzutea Remediosi begiratzen zion bitartean, baita Remediosen irribarre garailea ere. Remediosek ama lapurtu zigun, poliki-poliki, zalapartarik atera gabe, isilik baina urrats seguruekin. Egoeraz baliatu zen: amaren gaixotasunaz eta guztion erosotasunaz. Amak ez ninduen ezagutzen eta nik bera ere ez. Ez zitzaion geratzen izan zenaren arrastorik: ama, eskuzabaltasun; ama, poztasun; ama, maitasun; ama, aterpe; ama, haitzulo eta babes; ama, neguko epeltasun; ama, udako freskura; ama, argi; ama, kontsolamendu; ama, segurtasun; ama, ausardia; ama, konpainia; ama, gertutasuna; ama, familiazale; ama, gurea; ama, guztiona; eta hain zuzen ere, nirea. Hil baino dezente lehenago joan zitzaidana. Iragarritako heriotza ere heldu zitzaigun, baina ez gintuen ezustean harrapatu. Aspalditik ikusten genuen haren itzala, eta usaintzen genuen haren ustel kirats sarkorra. Horregatik, espero genuelako ez zuen heriotza txarra izan gure amak: seme-alabez inguratuta, eta, betiko ohean zetzala. Astia izan genuen despedidarako, eta bihotzak agintzen zizkigun berba goxoez azken agurra emateko, nahiz eta berak ezin zigun begiradarekin ere erantzunik bueltatu. Herriko elizan egin ziren hileta-elizkizunak, eta, aspaldiko ohiturek agintzen duten lez, aurreko eserlekuetan eseri ginen seme-alaba guztiok gure familiekin, Remedios gure artean zela. Niri Remediosen ondoan jesartzea suertatu zitzaidan, eta horrela ikusi ahal izan nuen aitak amari ezkontzeko eskatu zioneko eraztun izugarria bere atzamar batean. Lotsagabekeria barkaezina iruditu zitzaidan egun horretan, gurekin guztiokin egon behar zenean, zorioneko eraztuna janztea. Ez nuen Remedios gehiago ikusi nahi, begien aurretik betiko joango zitzaidan, eta hori gertatzeko benetako gogoa nuen. Denak joan zirenean eta etxekook bakarrik gelditu ginenean, ordea, Remedios hurreratu zitzaidan nire baitarako pentsamenduak irakurri, eta barnean bor-bor nuen ondoeza nabaritu izan balitu bezala. Amaren etxeko egongelako bazter batera besotik helduta eraman ninduen, eta han “ jakizu nirekin egon den minutu bakoitzean zurekin zegoela uste zuela, horregatik deitzen zidan Ane. Jakizu zoriontsua izan dela bere alaba gazteenaren maitasunaren epelean, huts egin ez dion maitasunean. Horrexegatik, nahi zuen Carmen andereak eraztun hau zuretzat izatea. Egunotan nik eraman dut, eta nire atzamarra zurea izan da haren begietan”. Une horretan, Remedios ezagutu nuen egunean bezala, begietara begiratu zidan artez, eta neure buru miserableaz lotsatu nintzen. Aitak amari erregalatu zion bitxia esku ahurrean estutu nuen, eta amaren heriotzagatik orduan urtu nintzen negar mantsoan. GERANIOAK ...Baina azpimarratu du ez dagoela iparraldeko haizeak jotzen duen lekuan bizirik irautea lortu duen geranio bat baino indartsu eta ederragorik. Zu bezain ahul. Karmele Jaio Lolak oso gustuko zuen etxeko leihoetan hazten ziren geranioak zaintzea. Denbora igarri gabe pasatzen zitzaion orri iharrak kentzen, tiestoetako lur apurra harrotzen, behar zenetan ureztatzen, eta egunero-egunero atzera gelditutako hortz-eskuila batekin landareen orrietako zainetatik kedarra kentzen. Askotan ordu erdi baino gehiago joaten zitzaion horretan, eta gero estu ibiltzen zen etxeko zeregin guztietara ailegatzeko. Horrelakoetan, kalera ematen zuten bi leiho baino ez izateaz pozten zen. Duela zenbait urte, Antoniorekin bion pisua izango zena ikustera joan zen lehendabiziko egun hartan, iluna iruditu zitzaion etxea, patio estuegia zuela, eta ondo baino hobeto gogoratzen du sukaldeko leihotik burua atera zuela, eguzkiaren izpi galdu baten bila. Ondo zekien jauregian bizitzeko jaioa ez zela, eta onartu behar zuela Antoniok ordaindu ahal zuena; horregatik, konformatu zen pentsatuta amak emandako geranio-landareak jarri ahal izango zituela kanpora ematen zuten bi leiho estuetan. Egia zen Lutxanako Artzain Ona kaleko etxeetan oso landare, eta are gutxiago lore, ikusten zela; auzoan, inork ez zuen astirik hartzen landareekin endredatzeko, inork ez zien landareei garrantzirik ematen, baina Lolak oso gustuko zituen eta pentsatzen zuen euren etxeak ‒ kanpotik, behintzat ‒ bizitasun berezia zuela. Batzuetan, udaberrian batez ere, etxe aurreko espaloira joaten zen eta bere lorategi nanoari begira egoten zen; izan ere, handik hobeto ikusten ziren berak hazitako lore-anpulu gorri-gorriak, eta orduan alaiago sentitzen zen; begiak itxi, eta haizeak lore-usaina eskaintzen zion, txikitatik hartzen ohitu zena. Antoniok ikusi ere ez zituen egiten Lolak hainbeste mimatzen zituen geranioak, eta, domeketan, goizean goiz, landareak ureztatzen ikusten zuenean, errieta txikiak egiten zizkion, alperrik zebilela, loreak hautsaren hautsez itoko zirela esaten zion, auzoko emakumeek ez zutela inuzentekeria horietan denborarik galtzen... Ez zen erraza landare edarrak han haztea, etxe pareko lantegi erraldoiak gau eta egun botatzen zuen ke lodi horixkak inguruko zirrikitu eta bazter guztiak betetzen zituelako, baita geranio-hostoetako zainak ere. Lolak, ordea, ez entzutearena egiten zuen eta bereari ekin eta ekin jarduten zuen. Gure Lola zen emazte esanekoa: senarraren iritzia, ezbairik gabe, bere egiten zuena. Baina, jakina, kexatzeko arrazoirik ere ez zuen. Antonio senar ona eta langilea zen, etxe aurreko Sefanitro erraldoian lan egiten zuen Euskal Herrira etorri zenetik, duela makina bat urte. Herriko mutil gazte bat baino gehiago etorri zen itsasadar zikin eta koipetsuaren bazterreko lantegietara, eta berehala aurkitu zuten espero zuten lana; guztiek zuten aurrera irteteko gogoa, gogor lan egiteko indarra eta kemena eta prest zeuden lanaldia behar beste luzatzeko diruaren gose aseezinak itsututa. Oso ondo ikusitako langilea zen Antonio eta ez zuen uste kexatzeko arrazoirik zuenik, lantegiko nagusien iritzia, ezbairik gabe, bere egiten zuen eta oso eskertuta sentitzen zen. Batzuetan, zenbait iluntzetan, Antoniok lanaldi nekagarria bukatu ostean, etxera heldu, eta azazkaletatik makinetako grasa beltza kentzen saiatu ostean, sukaldean jesartzen zen eta Marina txikiaren egurrezko sehaska eragiten zuen goxo, astiro; orduan, Lolak afari pobrea prestatzen zuen, eta, Antoniok esaten zion urte gutxiren buruan bizitza aldatzeko aukera edukiko zutela, etorkizun oparoa edukiko zutela antzematen zuela: hainbeste ordu lan egin gabe biziko zirela; astegunetan ere, paseatzeko astia hartuko zutela; asteburuetan, Marina txikiarekin trena hartuko zutela eta kostaldeko herrixketan arratsaldeak pasatuko zituztela eta Kantauri itsasoko olatu gogorrek haien aurpegi zoriontsuak zipriztinduko zituztela. Orduan, fideo-zopa urtsua jan bitartean, poza sentitzen zuten elkarri begiratzean, zorioneko egun horiek iristeko zain; egun argitsu eta haizetsuetan, Antonioren hitzezko ametsak gauzatzear zeudela sentitzen zuen eta Lutxanako etxera kresal-usaina eta olatu-talken zarata heltzen zitzaizkion Lolari, Sefanitroren ke hori eta mardularen artetik. ***** ***** ***** – No se imagina, madre, lo hermoso que es ese mar del norte. Es bravo y fuerte; las olas golpean los acantilados, las rocas, y los bosques poblados y oscuros llegan casi hasta la misma orilla. A Marina le gusta oir el rugido de ese mar que se oye por las noches desde nuestra casa… Lolaren amak hori guztia entzunda, poztasun handia sentitzen zuen; alaba urruti egon arren, zoriontsua zela antzematen zuelako. Urte bitik behin joaten ziren Ecijara eta hilabete eskas ematen zuten herrian. Horretarako, harrapatzen zituzten txanpon txiki guztiak gordetzen ibiltzen ziren, soldata urritik asko aurreratzen eta bakarrik behar-beharrezkoa zena erosten. Domeketan eta jaiegunetan, Marina txikiarekin paseatzen ziren herrian bertan, Sefanitro erraldoiaren itzalpean, eta, itsasoaren hegaletik ibiltzeko, trenaren txartelaren dirua ere ez zioten euren buruari opa izaten, “hurrengo batean joango gara” esaten zuten, eta, hola, domekaz domeka, Marina txikia koskortu zitzaien. Udaberria heldu baino lehen, hasten zen gure Lola soineko zuriak eta loredunak josten; hori dela eta, jaiegun euritsu edo hotzetan etxean gelditzen ziren lana aurreratzeko eta arropak bukatzeko. Izan ere, herrian ikusi behar zuten zein ondo zeuden, zein ondo zihoakien bizitza herritik kanpo. Ezin zuten arropa zarpailik eta maizturik eraman, itxura txarrik eduki, ezta tristurarik adierazi ere. Antonik herritik alde egiteko erabakia hartu zuenean, bazekien bizimodu hobearen bila joan zela eta ezin zuela edozein modutan bueltatu. Antoniok herriko tabernan kontatzen zien lagunei lantegi erraldoiak zeudela hemen, lana egin ahala sortzen zela, estranjeriatik ere enkargu asko jasotzen zituztela, beste inon ikusi ez dituen auto itzelak inguruan ugariak zirela, eta hango langileak pobreziatik libro zirela. Oporrak euren Andaluzian bukatu ostean, Lutxanara bueltatuta, kedarrez eta hauts horiz estalitako leiho-ertzak garbitzen zituen Lolak afanean, geranio zaharkituak eta keak erdi itoak kendu, eta Ecija zuritik ekarritako berriak jartzen zituen. Landareak zaintzen zituen bakoitzean, urruti utzitako amaren begi urtsuak zetozkion burura, eta samurtasunez gogoratzen zuen haren irribarrea euren bizimoduaren gorabeherez hitz egiten zionean. Horrela, ikasi zuen Lolak asmatutako egiek, askotan, bizitzen laguntzen dutela eta mesede galanta egiten digutela. Baina urteak konturatu gabe pasatzen dira, eta denborak krudeltasunez higatzen ditu gaztetako ilusioak, gure begien distira apaltzen den bezalaxe. Antoniok aspaldi ez zuen etorkizunik aipatzen eta itsasoari buruz ere ez zuen hitz egiten; Lolak eskatu ere ez zion horrelakorik eskatzen, zertarako? Hori bai, Marina zen oraingoan ilusio guztien ardatza, amets guztiak gorpuzten ziren berarengan. Neska gazte, ederra eta esanekoa zen. Txikitan, herriko eskolan; eta Barakaldoko institutuan, gaztetan, ikasi zuen gurasoek ikasi ez zutena. Ezagutzen zuen bizitzaren latza, hori dela eta ondo saiatu zen gurasoen ahaleginari etekina ateratzen. Egun batean, afaldu ostean, mediku izan nahi zuela aitortu zien gurasoei; Marinak zalapartarik gabe esan zien erabaki sendoa zela, eta haien baimena nahi zuela. Lolak afaloste hartan pentsatu zuen bere eskuek zaindutako geraniorik ederrena eta gorriena zuela begien aurrean, eta inoiz baino harroago sentitu zen. Hala izan zen, esan eta izan. Marina medikuntza ikasten hasi zen eta gurasoak saiatzen ziren albari laguntzen. Gau askotan, goizaldera arte ikasten gelditu behar zenetan, Lola bere ondoan jesartzen zen arropa zaharren bat konpontzen, puntua egiten, eta takin-takin kafesne beroa eskaintzen. Alabaren ezpainetako mugimendu bizkorrari eta isilari begiratzen tarte luzeak joaten zitzaizkion, arrosario mutua eta paper-hotsa lagun zituela. Amari ez zitzaion neketsu egin alabaren goizaldeetako kide bihurtzea, gainera ordu horiei esker, Antoniok sarriago estreinatzen zituen Lolak eskuz eginiko jertseak. Horrela, bata bestearen atzetik joan ziren ordu geldoak, gau hotzak, hilabete aldakorrrak eta etorkizunez betetako urteak. Marinarengan jarritako ilusioak errealitate egiten joan ziren, eskailera aldapatsuak igotzen diren bezalaxe: astiro. Antoniok eta Lolak ezin zuten sinetsi haien alaba mediku izan zitekeenik, eurek zekiten apurretik alaba horraino hel zitekeenik, eta atzera begira jartzen zirenean, gogora etortzen zitzaizkien, Lutxanara heldu zirenetik, argitasun gabeko egun amaigabeak, euri langar tematia, sukalde hotza, izara erdi hezeak, Antonioren esku lakarrak, Lolaren betazpi urdinduak eta oso gutxitan ikusitako itsaso gogorraren olatuen zarata. Eskerrak ez zuela Lolaren amak inoiz alabaren zorioneko etxe iluna bisitatu, amari luzeegia iruditzen zitzaion bidaia eta nahikoa izaten zuen Lolak bidaltzen zizkion argazki apurrak ikustea konforme gelditzeko; eskerrak Lolak kontatzen zizkion gezur ederrak sinesten zituen eta galdera gutxi egiten zizkion, amak begiekin irribarre egiten zion eta horri esker Lolaren barrua baretzen zen. Lolak eta Antoniok pasatutako guztia atzean zegoen, iragana zen; Marinak, ordea, etorkizun oparoa zuen espero, eta bizitzaren ederraz gozatzeko aukera merezi zuela pentsatzen zuen. Amets egiten zuen bizitza on batekin: Lutxanatik irtengo zela, etxe dotore, epela eta eguzkitsua erosiko zuela, beste paraje batzuk ezagutuko zituela, beste hizkuntza batzuk entzungo zituela eta lan ona edukiko zuela. Horregatik, ikasketak bukatzeko bi urteko beka batekin Berlinera joateko aukera izan zuenean, ez zuen bi aldiz pentsatu. Lehenengo urte osoan bizpahiru bisita labur egin zizkien Marinak gurasoei; bitartean, gutunak idazten zizkien, argazkiak bidali, eta astean behin telefonoz ere berba egiten zuten. Udako oporretan, Lutxanako etxera bueltatu zen inoiz baino dotoreago eta alaiago gurasoak bisitatzera. Hamabost eguneko oporraldia zuelako, minutuak ere aprobetxatu behar zituen guraso zaharkituekin egoteko eta argi uzteko zein ondo moldatu zen Alemaniako bizimodura. Horrez gain, bazirudien lanean bertan gelditzeko aukera bikaina edukiko zuela eta bizitzak eskaintzen zion aukera hori aprobetxatu behar zuela. Oso eskertuta sentitzen zen. – No te imaginas, madre, lo hermosa que es esa tierra del norte, cómo se elevan sus montañas y còmo se asientan sus verdes llanuras. Allì se palpa el progreso, la vida en las ciudades es generosa, no falta el trabajo y... Lolak isilik entzuten zituen Marinaren hizketaldiak; saiatzen zen poztasuna erakusten eta dena sinesten zuelako begirada jartzen, Lolak inork baino hobeto zekien zer zen ilusioaren kulunka goxoan bizitzea, baina tamalez, bazekien ametsak gutxitan gauzatzen zirela. Alabari entzuten, bizitza errepikatzen ari zela iruditzen zitzaion eta sasoi bateko Ecijako egunak zetozkion burura, han pasatutako oporraldiak, amarekin paseatzen egindako iturri-osterak, aire epelaren igurtzia azalean, berak asmatutako gezur ederren mikaztasuna ahoan, eta geranio emankorren usain sarkorra. Hau guztia buruan zebilkiola, duela zenbait urte amak Ecija hartan egin zuen bezalaxe, leiho-hegaletako lorontzietatik geranio-landareak eman zizkion berak ere Marinari, geranio helduari artaziekin zati bat moztu zion eta beste lorontzi batean, urrutian, ondo hazteko eta zaintzeko agindua eman zion. Lolak ondo asko zekien udaberri oro geranioek gorritasun distiratsua ematen zuten bitartean, Marinaren bihotzean bizitza hobearen itxaropena ez zela itzaliko; horregatik, alaba lasai agurtu zuen Berlinera bueltatu behar zen egunean. Orain hemen naukazue begien aurrean daukadana ezagutu ezinik, nahiz eta urte andana eman izan dudan kale hauek zapaltzen. Ez dakit ondo, noiz hasi ziren gauzak aldatzen, noiz hasi nintzen bakarrik geratzen. Ez dakit ondo, noiztik sentitzen dudan denboraren pisua sorbaldetan saka egiten, noiztik egiten zaizkidan egunak eternitate txikiak eta gaindiezinak. Gauzak ondo doazenean, gaztetan, denbora igarri gabe pasatzen da, arin eta arintasunez, ilusioaren motorrak bultzatuta. Orain, ordea, matxuratutako motorra baino ez naiz eta denbora dut etsai. Orain hemen naukazue desagertutako Sefanitro erraldoiari begira, nire betiko etxe aurrean dagoen leku hutsari so. Begien aurrean gertatutako aldaketa guztiei buelta eman ezinik eta puzzle erraldoi honen piezak kokatu ezinik; horregatik, ezin dut sinetsi buzodun langilerik ez egotea kaleetan, kamioirik ez entzutea inguruan, makinen etengabeko zarata eta tximinietako ke horirik ez antzematea. Baina gauzak aldatu dira, ezer ez delako betiko. Sefanitroren orube handian etxeak egingo omen dituzte, ez gurearen modukoak, noski; etxe txukunagoak, tarteka txalet modukoren batzuk ere egingo omen dituzte, eta Lutxanari beste aire berri bat eman nahi diotela iragartzen dute hemengo agintariek. Orain hemen naukazue jende ezezagunaren artean. Auzokide batzuk herrira bueltatu ziren, lanerako urteak bete ondoren, eta erretiro urria hartzeko garaia heldu zitzaienean; beste batzuk beste nonbaitera joan ziren, hemengo ke horiarekin gogaituta eta birikak erdi ustelduta zituztela; beste batzuek hemen, Lutxanan, jarraitzen dute, etxe zuloan sartuta. Dendara edo paseatzera ateratzen naizenetan, gutxitan egiten dut ezagunen batekin topo. Gauzak asko aldatu dira; orain beste leku askotatik etorritakoak ikusten ditut: Afrikatik, Txinatik, Errumaniatik... Guztiak ilusioz beteta etorri dira, bizitza berri eta hobe baten bila. Nik ondo ezagutzen dut hori guztia, Ecijatik ekarritako fardel zaharrean ilusio bera nekarrelako, Antoniok kontatzen zizkidanak egia bihur zitezkeela sinistuta, ni neu ere etorri egin nintzelako. Orain hemen naukazue, ez daukadalako nora joan. Gure sasoiko emakumeok ez genuen hautatzen, gure gurasoek edota gure senarrek erabakitzen zuten, esaten ziguten zer zen onena eta zer egin behar genuen, gure bizitza etxekoengan pentsatuta egin behar genuen, etengabean moldatu eta egokitu. Horrela, Antoniok Lutxanara etortzea pentsatu zuenean bere erabakiaren itsasontzi singlean abiatu nintzen, Lutxana izeneko portua zein zen eta non zegoen jakin gabe. Gure sasoiko emakumeok ez genuen usu lagunik egiten, ez genuen lagunik behar, etxekoak behar genuen izan eta gure mundua familia esparrura mugatu. Ni beste askoren modukoa izan naiz, eta egin behar nuena egin dut. Hala ere, harro nago Marinari eman diodalako bere bide propioari ekiteko aukera, eta berak nahi dituen erabakiak hartzeko askatasuna. Orain hemen naukazue, Antonio joan zenetik, bakar-bakarrik. Ecija hegoegi geratu zait, hainbeste urte pasatu ostean; Berlin, ordea, iparregi, hotzegi, ezezagunegi urte gutxi batzuk egiteko. Horregatik, hemen jarraitzen dut, neure egin dudan lekuan, geranioei orri iharrak kentzen, tiestoetako lur apurra harrotzen, behar denetan ureztatzen, eta egunero-egunero atzera gelditutako hortz-eskuila zahar batekin landareen orrietako zainetatik kedarra kentzen. OROIMENEKO HERRIA Ez da erraza izan bueltatzea, baina aspaldiko haurtzaroa pasatu zueneko auzora itzuli denetik, Solek sentitzen du, urteetan ausartu gabe eman beharreko saltoa zahartu samartuta eman arren, bakearen putzu epelera erori dela, arinagoa dela, nasaitu zaizkiola gorputzeko giltzadurak eta urteetan erraietatik sortzen zitzaion ezinegon sorra ez duela apenas antzematen, nahiz eta ez duen bertan inor ezagutzen eta sasoi hartako seniderik edo lagunik ez duen aurkitu. Denborak dena aldatu du. Auzoa bera aldatuta dago, ez du zerikusirik memorian hain babesturik eta gorderik zuenarekin: buzo urdineko langile okertuen arrastorik ez da gelditzen, ezta eztulka zebiltzan meatzari iharren itzalik ere; horiek desagertu dira sasoi bateko tximinia altu eta pitzatuetatik ke lodi beltz astuna haizetan desegiten zen bezalaxe. Zerua urdindu da, berunetik kolore biziak erne dira. Orduko langileria pobrearen etxeak, kanpotik behintzat, garbitu dituzte; eta beharbada, egin berritan baino itxura txukunagoa dute. Denborak dena aldatu du. Auzoko zarata moteldu da, kalean ez da ikusten umerik jolasean, etxeetan ere gutxi omen dira, euren barre-algara zaratatsurik edo amen haserre-oihurik ez delako patio estuetan gora eskapatzen, Sole txikia zen sasoian gertatzen zen moduan. Dena da ezaguna, baina aldi berean diferentea. Plazako elizatzarra bera, orain, gehienetan, hutsik egoten da, eta, beste askotan, itxita; auzoko aldaketa horien guztien lekuko bakartia eta isila bihurtuta. Denborak dena aldatu du. Kaleetako izen gehienak ere ez zaizkio ezagunak egiten, baina, zorionez bakan batzuk lehengoak dira. Solek ez du inoiz ahaztu orduko etxeko helbidea, sarri errepasatzen zuen, ia-ia egunero, bizia salbatuko zion otoitz baten indarrarekin: Artzain Ona kalea 7, 4.a ezkerra, Artzain Ona kalea 7, 4.a ezkerra … Hor daude biak: txikitako etxea eta bera, bata bestaren parean, aurrez aurre. Atari estuaren gaineko laugarren pisuko leihoetara burua altxatu duenean, baina, barru-barrutik sortu zaion olatu indartsu batek begiak emozio gaziz bete dizkio eta, berehala, gogor itxi behar izan ditu enbatari eusteko. Han dago euren etxea, oroitzapenen kutxakoa baino estuagoa; halere, zutik, irmo, aspalditik zain izan balu bezala. Denborak dena aldatu du. Gogorra eta ederra izan da emozioaren astindua, espero zuena eta mila aldiz irudikatu duena baino bortitzagoa, iragana kolpera etorri ziolako. Emozio gehiegi, oroitzapen gehiegi denak ahokada batean irensteko, poliki-poliki murtxikatu behar da lehenaldia, are gehiago mingarria bada, nahikoa da egunero-egunero apur bat, dosi txikietan banatu. Horregatik, ez du Solek birritan pentsatu behar izan erabakitzeko kale horretan bertan topatu behar duela bizilekua, parean duen horietako batean. Akorduan dauka eurena ez zela pisu handia, baina orain primeran egokituko da antzeko batean. Izan ere, emakume alargun eta bakar batek ez du gehiago behar; altuenaz jota udan eta Gabonetan, urtean pare bat aldiz, etorriko zaizkio Niko eta Sonia egun gutxi batzuetako bisitan. Ez, ez du birritan pentsatu behar izan, ez du gehiago behar. Nikok ez zuen ulertu amaren erabakia, eta gero ez zuen batere ondo hartu. Hasieran, aita hil berritan, alargun-bizitzaren hastapenetan, ez zion Euskal Herrira bueltatzeko burutazioari jaramon handirik egin, amari pasatuko zitzaiolako segurtasuna zuelako. Amak bizitza ia osoa egin zuen San Petesburgon eta ez zuen ordura arte jakin hara heldu aurreko oroitzapenek ama hainbeste zamatzen zutenik. Batzuetan, baina oso gutxitan, pertsona nagusi guztiek egiten duten moduan, txikitako kontuez mintzatzen zen: han utzitako ama, aita, bidaia, ahizpa nagusia, beldurra, hango eskola, hango herria … Halakoetan, urrutitik eta etsipen moduko batetik mintzatzen zela iruditzen zitzaion semeari, sendatu gabeko mina zuela ematen zuen kontu zahar haietaz hitz egiten zuen bakoitzeko; horregatik, pentsatzekoa zen amak uxatu nahi izaten zituela oroitzapen triste horiek guztiak, eta, aldi berean, ahalegintzen zela beste inor ez tristatzen atzean utzi beharreko gertakizun horiekin. Senarrak beste nonbaitera bideratu nahi izaten zituen amaren une ilun horiek, eta iragana gordetzen eta lurperatzen ikasi behar zuela esaten zion: “ez dizu onik egiten, Sole, konpondu ezin denari gira eta buelta ematen ibiltzeak. Zu hemengoa zara, dagoeneko total gutarra, han ez duzu ezer, dena desegin zen gerra madarikatu hartan. Ez begiratu atzera, beti aurrera, Sole, beti aurrera.” Carmen eta Sole aurrera doaz ilara luze batean. Beldurrak aurrera begiratzera derrigortzen ditu, ez dute atzera begiratzen, jende gehiegi dagoelako amaren soineko beltza antzemateko hainbeste beso, malko, zapi, garrasi eta azken muxuren artean. Carmenek ere ez du ama ikusten eta, ezinbestean, aurrera doaz beste hainbeste neska-mutil izuturen artean. Aurrean duten itsasontzira doaz, ilarako ume txiki guztiak irentsiko dituen itsasontzi erraldoi horren sabel ilunera; batzuk beste norbaiti helduta doaz, beste batzuek, ordea, maleta txiki bat dute euskarri bakar. Bidaia luzea izango dela esan die amak, leku ezezagun eta polit batera helduko direla, han ondo hartuko dituztela eta denbora gutxi egingo dutela urrutiko leku hartan. Carmenek eta Solek ez dute bidaia hori egin nahi, ez dute etxetik beste inora joan nahi, arrazoiak arrazoi, ez dute ezer ulertzen, amaren aurpegiak ez duelako batere poztasunik adierazten bidaiaz mintzatzen zaienean. Ama gezurretan ari dela sumatzen dute, baina ez dakite zergatik. Hala ere, Carmen lasaitu omen da apur bat ikusi duenean ume asko, asko eta askori euren amek gauza bera esan dietela eta ez direla bidaia kezkagarri horretan abiatuko diren bakarrak. Carmenek eskutxoa estutu dio Soleri, eta eztulen arteko une labur batean eguneko lehen irribarrea luzatu dio. Gorputza erabat minduta dute, egurrezko aulkiek ez dietelako lagundu bidaiaren gogorra leuntzen. Carmenek eztularen eztulez errementatu beharrean egin du bidaia, eta Solek gauetan ahizpa nagusiaren bularraren kontra paratu du burua bere gorputzaren epeltasunak nahigabea arintzen lagunduko diolakoan. Orduak astun dabiltza urrutiko olatuen kontra talka eta talka. Ez da ezer gertatzen eta ez da inor mugitzen, ume guztien gorputzeko beldurra lurrundu da eta batu da barkuko aire pisutsuarekin nahasteko. Berba egiteko ere ez dute adorerik, tarteka xuxurlaka hitz solte batzuk esaten dizkiete elkarri, bakarrik entzuten dira eztulak, olatuak, itsasoaren orroak eta kolpeak, eztulak … Halako batean, irribarre zabala egiteko ahaleginetan dabilen emakume zimel bat agertu da eta itsasontzitik laster jaitsiko direla esan die. Heldu omen dira nonbaitera. Behean, lehorrean, txikitik handira, gazteenetik zaharrenera ilaran jarri dituzte. Carmen askoz atzerago geratu da, baina Solek haren txakur-eztula entzun dezake. Ez daki zenbat denbora eman duten ilaran: ordubete edo egun santu osoa, baina, bat-batean, isiltasuna aditu du, begiak ondo zabaldu ditu, eta hara eta hona begiratu ostean, eskuak izerditu zaizkio, arnasa estutu, eta oinpeko lurra biguntzen sentitu du. Erori da arbola abaildu baten antzera: erroak leku batean eta enborra bestean dituela. Erori da ezagutzen ez duen leku hotz batean, galduta eta bakarrik. Artzain Ona kaleko pisua alokatu eta gero, bere bihotzeko Nikori deitu dio barruko poztasuna semearekin partitzeko. Esan dio ez dela zaila izan txikitan bizi zeneko kalean pisua aurkitzea, hiru ikusi dituela, eta, denak antzekoak izan arren, hirugarren solairuan dagoena aukeratu duela, eta logela bik kanpoko aldera ematen dutela, eta sukaldea ilun samarra dela, baina ez duela sukaldean luze egoteko asmorik eta nahiago dituela argitasuna eta eguzki apur bat, hirugarrenera oinez igo behar badu ere. Nikok amari entzun dio ezer esan gabe, ez daki zer erantzun behar dion, ezta poztu edo muturtuta jarraitu behar duen ere. Aita hil zenerako, Nikok bazeramatzan zazpi urte San Petesburgotik kanpo lanean eta Soniarekin bizitzen. Aitaren heriotzak ustekabean harrapatu zituen ama-semeak, une batetik bestera bien bizitzak irauli ziren eta egunak eman zituzten zer egin eta zer erabaki asmatu ezinik. Kolpe latza izan zen biontzat, baina batez ere amarentzat. Nikok eta Soniak amari lagundu nahi zioten eta, hiletaren bueltako gorabehera guztiak bukatu ostean, euren etxera eraman zuten ama. Sole babestuta eta eskertuta zegoen arren, ez zuen bidezko jotzen bikote gaztearen bizitza baldintzatzea. Urteak gorabehera, sasoiko ikusten zuen bere burua, bizitzeko gelditzen zitzaiona benetan bizi nahi zuen, ez zuen inoren menpe egon nahi, are gutxiago traba bihurtu. Hilabete horietan, esnatu zitzaion urteetan lozorroan izandako ideia: bere herrira bueltatzeko nahia. Hasieran ideia zoro eta lauso bat baino ez zena, indarra hartzen joan zen, egunetik egunera handitzen, hedatzen, bere barruan zabaltzen, burua ere kolpatu egiten zion, talka eta talka itsaso handiaren olatuek bezalaxe, eta, azkenean, ia-ia egunero, gogora etortzen zitzaizkion senarraren hitzak: “Ez begiratu atzera, beti aurrera, Sole, beti aurrera”. Nikok ez zuen ezer ulertzen, “Zertarako? Ideia horrek ez dauka zentzurik! Han ez duzu inor ezagutzen, bakarrik egongo zara eta oso urruti gugandik. Ez daukazu abentura antzuetan ibiltzeko adinik. Hemen ez zaizu ezer falta, edo, nahiago baduzu, bueltatu zuen betiko etxera, ondo bano hobeto bizi gaitezke elkarrengandik gertu”. Dena alperrik! Nikoren argudioak eta erreguak txikiak eta epelak ziren Soleren erabakiaren aldean. Pentsatzen zuen bakoitzean, gero eta argiago zuen umetan egin ez zuen bueltako bidaia egin behar zuela. Jakin behar zuen zergatik gelditu zen han, zergatik ez zitzaion inor bila etorri, zergatik ez zitzaion inoiz gutunik edo erretraturik heldu, zer pasatu zitzaien gurasoei … Ezin zuen onartu bera han utzita bizitza normala egin zutenik. Zaila izango zen hori guztia argitzea ordutik urte gehiegi pasatu zirelako, baina, gutxienez, iraganari begietara begiratu nahi zion, berriz ikusi herria, plaza, eskola … Urteetan itxi gabeko zauria ondo osatzeko, etxera bueltatu behar zuen, urrutiko etxe ilun hartara. Sole logela argitsu eta dotore bateko ohe zabalean esnatu da, usain goxoko maindire zurien artean. Ez dago beste inor. Ez daki non dagoen. Leihoa zabaldu du, zirrikitu bat baino ez. Aireak ez du betiko usaina. Belardi zaindu ederra du begien aurrean eta zuhaitz sendo ilunak altxatzen dira ikusten ari den paisaiari muga egiten. Zeruak ore pisutsu baten itxura dauka. Begiak kliskatu, eta bere etxeko logela heze eta biluzian egon nahiko lukeela pentsatzen du. Carmenen eztul-hotsa entzun nahiko luke. Ez dago auzokoen zalapartarik inguruan, ez da kaleko oihurik aditzen, ezta sukaldeko ontzi-hotsik ere. Isiltasun baketsuegi batek hartua du bera dagoen gela hori. Bat-batean, ama baino dezente gazteago ematen duen andre ilegorri irriabartsu bat sartu da gelan, atean kax-kax jo eta gero. Ez dio ulertzen esaten duena. Ez daki zer nahi duen eta zergatik dagoen etxe horretan. Amarengana joan nahi du eta amaren altzoan jarri. Baina andre ilegorria dago bere alboan, ohe gainean eserita, berba eta berba egiten. Eztarria soka tenkatu batek baino gogorrago estutzen dio Soleri barruan duen negargurak, ez du, ordea, negarrik egin nahi. Emakume horri etxera bueltatu nahi duela esan nahi dio, Carmen galdu dela eta ondoezik dagoela. Ez daki zelan adieraz diezaiokeen hori guztia, eta konturatu denerako izerditu zaizkio eskuak, ikusmena lanbrotu zaio, tripetan ziztada minkorra igarri du eta berehala konturatu da txizak barruko eta kanpoko arropa guztiak busti dizkiola. Emakume ilegorriak Sole eskutik helduta darama, ez daki nora doan ezta zertarako ere. Ohitu da emakumearen ahotsa bere inguruan entzuten, etengabean egiten du berba eta eskuak bere hitzen erritmora astintzen ditu, hegazti dotore baten hegoen antzera. Batzuetan, mututzen den une laburretan, berari begira-begira gelditzen zaio, begiekin ere badaki hitz egiten, eta eskuarekin kokotsa altxatzen dio. Pena da, baina Solek ez dio ezer ulertzen. Ez du konprenitzen zergatik ez dagoen amarekin, non dagoen, zergatik sartu zituzten itsasontzi handi hartan. Ez daki noiz etorriko zaion ama bila ezta zenbat denbora pasatu behar duen horrela. Solek ez daki zer den gerra eta ezin du oraindik ikasi hitz horrek sakontasun itzela eta beltza duela. Pilatu zaizkio erantzunik gabeko kezka gehiegi bere gorputz txikian, ozta-ozta kabitzen zaizkionak barruan gainezka egin gabe. Etxe zapal eta luzanga bateko atea zabaldu du emakume ilegorriak. Egurrezko mahai pilo bat dago ondo lerrokatutako ilaratan, eta haien atzean ondo orraztutako neskatila isilak aurrera begira. Emakume ilegorriak gela argitsuaren aurrean dagoen emakumearen parera eraman du Sole, andre biak berriketan hasi dira eta Solek ez du bururik altxatzen aurrean dituen neskatilen aurpegiak ikusteko, nahiz eta beste guztiek ez dioten begirik kentzen. Nahiago du zoruko egur horixkaren biribil ilunei erreparatzea, tamaina eta itxura desberdinetako orbanetan begirada galtzea, biribil batetik salto egitea begiekin beste batera; ohol-xafla bakoitzak gutxienez badauzka holako bat edo bi, denak antzekoak eta denak dira diferenteak, zoruko egur guztiak bereiz daitezke zipriztinduta dituen beltzuneei esker, kolpe ilun horiek bereizgarri direlako, xafletako identitate-markak. Berak, bitartean, atzamar-puntak igurtzi ditu bata bestearekin, eta konturatu da ez duela hatz-markarik, azala berdindu zaiola, lehen zituen arrasto finak ez dituela aurkitzen, bera ez dela egurraren modukoa, ez duela identitate-markarik. Agian, ez dagoelako berez dagokion lekuan, sustraiak ebaki dizkiotelako, etxetik urrutiegi dagoelako eta argi dauka bidaia luzeegiaren ondorioz gertatu zaiola, balea baten tamainako barku hartan sartu ziren guztiei berdin pasatuko zitzaiela … baina, bat-batean, eztul-hots ezagun bat entzun du, errepikatu da, berriz ere entzun du, belarrietara heldu zaizkio talka eta talka, itsasoa handi dagoenean olatuek egiten duten antzera, uxatu ditu bere atzamarren gaineko kezka inuzenteak eta Carmenen aurpegia topatzeko altxatu du burua. Badaki ahizparen eztula dela, ezin da beste inorena izan gau gehiegitan izan duelako lagun. Irakasleak eraman du libre dagoen aulki bateraino, eta, aurreko egunetan ez bezala, pozik sentitzen da. Carmenekin berriz elkartzeak izugarrizko poza eman dio. Saltoka eta arineketan egiten du etxetik eskolarako bidea. Eskolan ezin dira bata bestearen ondoan jesarri, eta, dagoeneko, kargutu da etxe banatan biziko direla egokitu zaien familiekin, baina atsedenaldia biona da, amaitu arte hitz egin dezakete eta barruko kezkak trukatu, barre egin, kantatu, jolastu ... Carmenek ezin izaten du luze ibili soka-saltoan, arnasa estutzen zaio eta eztula zitaldu. Holakoetan, Solek ere gehien gustatzen zaion jolasari uzten dio eta Carmenen ondoan jesartzen da, eztula bakandu eta berriz lasaitu arte. Carmenekin dagoenean ama etortzen zaio akordura, eta, heldu zirenetik, ahizpa nagusiari galdetu nahi diona esaten ausartzen da: - Noiz etorriko da ama gure bila? - Ez kezkatu, Sole. Amak ez gaitu hemen utziko, ahal dutenean, dena bukatzen denean, aita eta ama etorriko dira gure bila. - Eta, zergatik etorri gara hona? Etxera bueltatu nahi dut - Nik ere bai!!! Hala ere, gure moduan beste asko etorri dira eta ez gaituzte gu hemen utziko beste guztiak doazenean, ezta? Hemen seguruago gaude, arriskuetatik urruti, gainera ondo zaintzen gaituzte eta laster batean bueltatuko gara etxera. Nikori deitu dio, berriz ere, notizia onak eman nahian. Arindu nahi dio distantziak puzten dion kezka, jakin badaki erruak luzatuko dizkiola gauak eta, askotan, ama abandonatu duelako mikaztasunak sakatuko diola barrua. Solek ez du horrelakorik nahi. Distantziak distantzia, semea Soniarekin eta eraikitzen ari diren bizimoduarekin zoriontsu nahi du, kezka antzurik gabe, eta konpontzen zailak diren buruhaustetatik libre. Horregatik, aprobetxatzen ditu egun alai guztiak semearekin berba egiteko eta gertatu zaizkion txikikeria pozgarri guztiak handiarekin aurrera deskribatzeko: pisuan oso gustura dagoela esaten dio, askoz hobeto egiten duela lo, lasai, ez dela bakarrik sentitzen, mejoratu ere egin dela eta herrira bueltatzeak mesede nabarmena ekarri diola. Gainera alboko ateko andrearekin elkartu da nahikotxo egunetan, arratsaldeko pasiera bide beretik egiten dutelako, luze egoten direla berbetan eta, bitartean, euren bizitzaren berri ematen diotela elkarri. Lola deitzen da eta Sole baino gazteagoa da. Lola ere alarguna da eta alaba bakarra Alemanian dauka lanean: Marina. Soleri beti gustatu izan zaio izen hori eta Lolak irribarre batekin eskertu du alabaren izenaren gaineko komentarioa. Lolak gaineratu dio hemengo itsasoaren indarrak liluratuta jarri ziotela neskatoari izen hori. Horixe nahi zutela alabarentzat: indarra eta bizitzari aurre egiteko kemena, baina Lolak berak barre egiten du esandako inuzentekeriaz jabetuta. Irribarre errazekoa da Lola, alaia eta bizia. Igartzen zaio ez dela hemengoa egun gris eta euritsuetan berak jositako soineko kolore bizikoak eta lora handiko alkandorak janzten dituelako eta bere etxeko leiho hegalak udaberri-udetan anpulu gorri handi ederrez bete daitezen, geranioak ̶ kale osoan beste inork ez bezala ̶ zaintzen dituelako. Harro begiratzen die bere landareei, sinetsita fatxada grisa edertzen dutela, eta, aldi berean, bertan bizi direnen bizimodua alaitzen dutela; baina batez ere, bere gaztetako Ecija gogorarazten diotelako. Lolak lauretan puntuan jotzen du Soleren etxeko tinbrea. Biek adostu dute ateri dagoen egunetan elkarrekin egingo dutela bazkalosteko osteratxoa. Gehienetan, Barakaldoko herriko plazaraino heltzen dira eta han kafesne beroa hartzen dute mahai libre bat ikusten badute inguruko tabernaren batean. Solek gustura entzuten ditu Lolaren gorabeherak, alaitzen diotelako eguna eta ezagutu ez zituen kontuz eta pasadizoz hornitzen diolako memoriaren kutxa hutsa. Ia-ia egunero aipatzen dio Sefanitro erraldoia hango orube paretik pasatzen direnean, hango langile piloa, hango mugimendua, hango zarata, hango kamioi-ilarak, hango tximinien altuera, hango kea, hango ke lodia, hango ke lodi horixka … Antoniok hogeita hamar urte egin omen zituen bertan lanean, Ecijatik etorri zirenetik beste lantegi batean proba egin gabe, pozik izan zuten zortearekin. Antonio langile fina izan zen eta irabazten zuenaz bizitza duina egin zutela aitortzen dio Lolak. Solek ez daki zer pentsatu. Askotan, denborak makilatzen ditu iraganean pasatutako miseriak, eta geure buruak uxatu egiten ditu ahazteraino, baina beti geratzen da arrastoa arkatzarekin zerbait gogor idatzita ezabatu nahi denean bezalaxe. Ezin du sinetsi bizimodu abila eduki zutenik Lolari argitasunez betetako begiak iluntzen zaizkiolako Antonioren eskuetako lakartasunez, azaleko ximur goiztiarrez, nekeaz, nekearen nekeaz, eztulaz, tarterik gabeko eztul tematiaz eta goizegi heldu zen amaiera ankerraz hitz egiten duen bakoitzean. Badira hiru egun Carmen ez dela eskolara joan. Sole lehenengo egunetik beretik kezkatzen hasi da, ez daki non dagoen, ez daki zergatik ez dagoen eskolan, ez daki nork jakingo duen zer gertatu zaion, ez daki irakaslari galdetzen asmatuko duen, ez daki non bizi den Carmen... Berriz ere kezkaz bete zaio gorputza. Eskolatik bueltan, arratsaldean, Sole saiatu da ikasi duen errusiera trakets apurrean emakume ilegorriari galdetzen ahizparen etxeko helbidea, eta zerbait jakin nahi duela adierazten, esan nahi dio eztul txarra duela Carmenek. Soleren ama ilegorriak une labur batez begietara begiratu, eta aurpegia ferekatu dio, baina ez dio garrantzi handirik eman kontuari, eta, ohikoa den moduan, etengabeko bakarrizketa ulertezin horri ekin dio. Etxean, ez dago beste umerik; emakume ilegorria eta Ivan izeneko gizon handikote bat baino ez. Biak dira oso atseginak gerratik ihesi etorri zaien neskatilarekin eta bene-benetan saiatzen dira umea ahalik eta ondoen zaintzen. Izan ere, haiek ezin izan dute seme-alabarik eduki, eta Sole urteetan desio izan duten alabatzat hartu dute. Domeka goizetan, Ivanek goiz samar esnatzen du alaba heldu berria eta inguruko parajeetatik ibiltzen dira. Ivanek ez du apenas berbarik egiten, baina Sole seguru sentitzen da haren ondoan; batzuetan, bere benetako aitaren traza hartzen dio nahiz eta Esteban askoz argalagoa den. Gainera, ez du gogoratzen noiztik ez duen aita ikusi eta haren itxura eta aurpegia ahuldu zaizkio memorian. Carmenek ere horixe esan dio aurreko batean, begiak itxita ere, ez zaiola aitaren aurpegia akordura etortzen. Solek astebetera jakin du Carmen gaixorik dagoela etxean, eta etxean hobeto sendatuko delako usteak apur bat lasaitu du. Berak baino hobeto inork ez daki Carmen aspalditik dagoela gaixo; izan ere, eztulak ez dio apenas uzten soka saltoan jolasten, ibiltzen ere ezin izaten die bere adineko lagunei jarraitu, oso zurbil eta argal dagoela pentsatzen du Solek. Horrez gain, hotza izugarri areagotu da, belardiak eta teilatu-gainak zurituta daude eta ondotxo daki horrek ez diola mesederik egingo. Hobeto egongo da etxean, ohean sendatzen, gogortu bitartean. Egun batzuetara, Ivan eta Olga ilegorria etorri zaizkio bila eskolara goiz erdian. Biak sartu dira barrura eta irakaslearekin hitz egitera abiatu dira. Haiengana hurbiltzeko keinua egin diote, Ivanek esku sendoa pausatu dio sorbalda gainean, Olgak irribarre behartu bat egin dio eta ohikoa ez den mututasunean irten dira eskolatik, gero bere parean makurtu da, kokotsetik heldu dio eta muxu leun bat eman dio masailean. Egurrezko etxe dotore baten parean gelditu dira, kanpoko atea bultzatu eta barruan sartu dira. Solek ez du inor ezagutzen, baina emakume bat berehala hurbildu zaio eta estu-estu besarkatu du, gero negarrari eman dio. Ivanek, berriz ere jarri dio esku pisutsua sorbalda gainean, eta, Olgak eskutik tiratuta, beste gela batean sartzen lagundu dio. Han, kirruzko izara zuriz edertutako ohean dago Carmen, bidaian soinean ekarri zuen beroki ilunaz jantzita eta geldi-geldi etzanda. Ivanek lagundu dio ohe hegaleraino, eta arrastoak galdutako atzamar-puntekin Carmeni aurpegia ukitu dio. Carmenen hotza sentitu du atzamarretan eta berehala sartu zaio erraietan. Mutu gelditu da. Solek bilatu ditu Ivanen eta Olgaren begiak, galdetu nahi die zerbait, noiz jakin duten, zer gertatu zaion, zergatik … baina gaztetxoa izanda ere, ondotxo ikasi du galdera batzuek ez dutela erantzunik. Ivanek besoetan hartu du, Ivanen besoek ere hitz egiten dakitelako. Negar mantsoan hasi da Sole eta atzamar-puntak igurtzen eta berotzen saiatu da. “Aita, goazen etxera” negar-malkotan eskatu dio Ivani; lehendabiziko aldiz, aita eta etxera. Eguraldi euritsua tematu da negu hasierako asteetan, ematen du luze jarraituko duela berdin eta ez duela sekula atertuko. Solek eta Lolak eten behar izan dituzte bazkalosteko osterak, baina euren arteko berriketaldiak, ez. Iluntzeak hartzen dituzte kontu kontari jarduteko. Lolari gogaikarria egiten zaio euri xehe eta lanbrotsua, ez dela oraindik ohitu esaten dio Soleri, horixe dela Euskal Herritik gutxien gustatzen zaiona, susmoa duela ez dela inoiz hezetasunera egingo, eguzkia behar duela, bere herriko eguzkiaren indarra eta hark ematen zuen berotasuna ekarriko lituzkeela bertara, geranioak ere erkinduta gelditzen zaizkiola negu luzeetan, itota hilko zaizkiola pentsatzen duela negu guztietan, lore gorri ederrik ez dutela aterako udaberri-uda bitartean … Lolak, behin baino gehiagotan, luzatzen dizkio Soleri txikitako eta gazte zeneko argazki mordoa, eta banan-banan azaltzen dio nor den bakoitza, zein tokitan atera zuten, zein egunetan eta egun hartako pasadizoren bat. Erretratu gehienetan ama, aita, neba-arrebak, amama eta lehengusu-lehengusina irribarretsuren bat agertzen da Lolaren ondoan. Soleri esaten dio Antonio eta Marina berarekin bizi zirenean ez zituela argazki zaharrak apenas begiratzen, baina orain gero eta gehiagotan errepasatzen dituela album zaharrak, atzamarrak pasatzen dizkiela amaren aurpegiari, aitaren eskuei, amamaren ile zurituari … Begiak ixten dituenean, batzuetan, argazki zaharren barruan etxekoen ondoan dagoela sentitzen duela, eguzki indartsuak aurpegia argitzen diola eta bero zapak bekokia umeltzen diola. Solek gustura entzuten ditu Lolaren kontuak, baina berak ez daki zer konta diezaiokeen. Ez dio esan nahi txikitatik, Lutxanatik alde egin zuenetik, ez duela ezer jakin ez amaz ezta aitaz ere. Garratzegia iruditzen zaio ez jakitea zergatik ez ziren joan haien bila, zergatik ez zitzaion inoiz gutun triste bat heldu, zergatik ez zuen jakin noiz eta non hil ziren gurasoak, zergatik ahaztu zitzaien zelakoak ziren euren aurpegiak, zergatik moldatu behar izan zen leku arrotz batera, zergatik gelditu zen bakarrik, zergatik ikasi behar izan zuen beste guraso batzuk maitatzen eta berea ez zen mundu batean bizimodua eraikitzen. Solek, orduan, ez hain aspaldiko oroitzapenak kontatzen dizkio Lolari: noiz ezagutu zuen Alexander, Nikoren jaiotza eta haurtzaroa, San Petesburgon egiten zuena, hango ohiturak, hango bizimodua, hango hotza eta Nikori eta Alexanderri buruzko hamaika xelebrekeria. Holakoetan, tristurak hartzen dio gorputz osoa, eta Lutxanara bueltatzeaz damutzen da; batez ere, Lolari gurasoez hitz egiten entzuten dionean, sustrairik gabeko arbola baino ahulago ikusten du bere burua. Erantzun bila etorri da, baina ez du indarrik gurasoen aztarrenak topatzen egunak emateko, paperak eta agiriak eskatzen ibiltzeko, kanposantuetako harlauzetako izen higatuak irakurtzen ikusmena galtzeko. Urte gehiegi utzi ditu pasatzen, eta, Lutxanara bueltatuta ere, seguru daki galdera batzuek ez dutela erantzunik. Askotan, hainbestetan pentsatu ostean, irudimenak berez sortu dituen gertaerak eta egoerak errepikatzen zaizkio errealitatearen parte izango balira bezala. Askotan, irudikatu ditu aita gerran, ama bakarrik gerra zikin hark iraun bitartean, eta haren osteko miseria Asun negar batean heldu da etxera. Ondo kostata igo ditu laugarren pisuraino dauden eskailerak. Atea zabaldu du eta hustutasun sendo baten zama ikaragarria sentitu du. Ez dago inor eta ez da inor etorriko. Bakardade hotza sartu zaio etxean apopilo. Umeen logelara abiatu da, bi ateko armairu biluzia parez pare zabaldu du, eta Soleren jertse zahartxo bat esku batean hartu du, eta bestean Carmeni txiki geratutako jaka gorria, eta biekin aurpegi bustia estali du. Atzerrira bidalitako alaben usaina begi, sudur, belarri eta azaleko xularme guztietan antzeman, eta betiko gorde nahiko balu bezala. Esteban etxean egongo balitz, dena bestelakoa izango litzateke. Berarekin hitz egiteko aukera izango balu, elkarrekin egoteko tartetxo bat edukiko balute, laster dena bukatuko dela entzungo balio, berak idatzitako gutunen bat helduko balitzaio … Baina badira bost hilabete Estebanen aztarrenik ez duela. Pentsatu nahi du zaila izango dela boligrafoa eta papera inguruan edukitzea, are gehiago une txiki baketsu bat izatea familiari hitz gozoak idazteko, edo bere eguneroko jardun lazgarriaren berri emateko.Ez da erraza izango idatzitako gutunak etxerako bidean jartzea, eta, jartzekotan, zorte hori izatekotan, gutunak bidaltzeari ez dio inork lehentasunik emango. Gerran gaude, eta ez da txepelkeriatan pentsatu behar. Asunek ondotxo daki Estebanek gustura asko idatziko lizkiokeela egunero, gertatutakoak eta zehatz-mehatz burutik pasatutakoak. Jario bizikoa du senarra, etorri handikoa. Gogoratzen du ezkondu aurretik, soldaduskan zegoela, asteko hiru gutun baino gehiago jasotzen zituela. Oraingoa, baina, ez da gauza bera; sasoi hartakoa baino dezente krudelagoa da. Egunetik egunera malkartsuagoa, zailagoa eta mingarriagoa. Asunek ez daki bere senarra non dagoen, eta gerran dagoela esateak ez dio ezer argitzen, ez du baretzen. Gerra eremu handia eta sakona dela konturatu da, nahiz eta hizki gutxiko hitza den. Amesgaizto hau hasi baino lehen, Esteban maisua zen. Maisu errepublikazalea. Emazteari askotan azaltzen zion zergatik defendatzen zuen horren sutsu zorioneko Errepublika. “Ideiak eta idealak behar dira bizitzeko” hori zen politika kontuez aritzen zirenean gehien esaten zuen esaldia. Kultura lau haizeetara zabaltzearen aldekoa zen. Behar-beharrezkoa iruditzen zitzaion pertsona guztiek irakurtzen eta idazten jakitea, are gehiago, nork bere ideia propioak eraikitzea eta horiek defendatzea: “gure gazteei burua erabiltzen irakatsi behar diegu, Asun”. Horrexegatik, maite zuen bere lana horrenbeste; hezkuntzan aritzeari, irakasteari, zeregin handia eta garrantzitsua zeritzon. Benetako ohorea. Tamalez, gerra hasi zenean, berehala konturatu zen hitzak ez zirela nahiko, arimaz eta eskuez defendatu beharko zutela herritarron askatasuna, eta frentera abiatzea erabaki zuen. Asunek onartu behar izan zuen senarrari beste irtenbiderik ez zitzaiola geratzen, eta, beste asko bezala, noiz itzuliko ziren jakin gabe, joan zen. Estebanek alde egin eta gero, Asuni tokatu zaiona ez da samurragoa izan. Beste emakume asko bezala, etxean geratu da, Lutxanan alaba biekin. Esteban frentera joan eta gutxira, bion artean ondo kostata aurreztutako diru apurra berehala amaitu zaio, eta Asunek lanean hasi behar izan du. Beheko pisuko Martinak lagundu dio lana topatzen hura ere antzeko egoeran dagoelako eta itsasadarraren beste aldeko etxe handi batean hasi berria delako garbitasunean arduteko, eta neskame gehiagoren premian daudela esan dio Asuni. Itsasadarraren beste aldeko etxean ematen du egunaren zatirik handiena. Eguna zabaldu baino lehen, abiatzen dira bera bezalako emakume gazte ilunak alde eguzkitsuan dauden etxe erraldoietara. Asun eta Martina elkarrekin joaten dira etxe berera asteko sei egunetan. Martina jo eta suan ibiltzen da alde batetik bestera etxeko garbitasunean beste bi neskamerekin batera. Asun, ordea, sukalde ondoko gela handi batetik ez da apenas mugitzen; egunero-egunero zain edukitzen ditu izara amaigabeak eta lihozko mahai-oihal pisutsuak lisatuak izateko zain. Sukalde ondoko gela horretan ez dago leihorik, eta ez du ikusten egunaren argia; ez daki zer gertatzen den kanpoan, eta ezin izaten du beste inorekin egin berba. Eguerdian, Martina eta goiko aldean ibiltzen diren neskameak sukaldera jaisten dira mokadu bat jateko. Arin pasatzen zaie tarte hori, baina nahikoa izaten da bakoitzaren bizimoduaren gorabehera txikiak konpartitzeko. Asun konturatu da guztiak daudela antzeko egoeran: senarrak kanpoan dituzte inork ez dakien lekuren batean borrokan, seme-alaba txikiak atzerrira bidali behar izan dituzte hobeto egongo direlakoan, dirurik ez zaie gelditzen eta lan egitea da duten irtenbide bakarra. Martinari Feliperen gutun bat heldu zaio, eta guztiei irakurri die. Gutun laburra da, ez kezkatzeko esaten dio bere emazteari, gerra ez dela luzea izango, itzuliko direla irabazle eta urak bere bidera bueltatuko direla. Gutuna jaso duenetik, Martina alaiago dago; ordutik, erdi kantuan etortzen da bazkari legea egitera. Feliperen gutuna txiki-txiki tolestuta sostenaren barruan gordetzen du, bere bihotzaren gainean, paper-txatalak bizirik irauteko segurtasuna bermatuko balio bezaleta. Ederra da Martinaren alaitasuna ikustea, baina beste neskame guztiei, ezer esaten ez duten arren, handitu zaie beldurra eta kezka areagotu: “Zergatik ez zait Estebanen gutunik heltzen?” “Non egongo ote da?” “Ez al da zauriturik egongo, ezta?”. Egunak bata bestearen atzetik doaz. Egun guzti-guztiak plantxaketan ematen ditu, beste batzuen izara, oihal, alkandora eta azpikogona zuri ederrak dotore jartzen. Beroaren beroaz eskuetako azala sikatu, eta aurpegia goizegi zimurtzen hasi zaio. Azaleko penazko zimurrak ezin ditu kendu, ez baitago plantxarik horiek lisatuko dituenik. Pilarri eta Rositari ere senarren gutunak heldu zaizkie. Gerra-kontuak ez ei doaz Martinaren gizonak dioen bezala, ezin omen dute aurrera egin, zauritu eta baja asko dagoelako haien gudarostean, baina euren emazteek, behintzat, badakite bizirik daudela eta oraindik ez daudela zauriturik. Asunek nabaritzen du barruko kezkaren adarrak ugaltzen dituela, bere erraiak estutu eta arnasa ito nahian, ez du uste normala denik besteen gizonek idaztea eta Estebanek ez. Gero eta gehiagotan hasi da beltz koloreko pentsamenduak edukitzen. Orduan, Carmen eta Sole etortzen zaizkio burura “gutxienez, haiek nire ondoan edukiko banitu …”. Solek txikitako koaderno zahar eta erdi birrindu bat erakutsi dio Lolari. Bertan Lolak ezagutzen ez dituen letrak daude eta Solek irakurri dizkio esaldi batzuk. Arratsalde horretan barrezka ibili dira, koadernoko orri marroixkarak atzera eta aurrera pasatzen. Lolak goraipatu ditu txukuntasuna eta ordena, marrazkietarako trebetasuna eta letrakeraren armonia. Solek kontatzen dio zenbat kostatu zitzaion hizkuntza berrian mintzatzen hastea, oso gutxi hitz egiten zuela, ez hango gurasoekin ezta eskolako beste kideekin ere. Iruditzen zitzaion ez zuela merezi izango hizketa berri hori ikastea gurasoek laster baten eramango zutelako berriz ere etxera, Lutxanako etxera. Koadernoaren azken aurreko orrian, itsasontzi erraldoi batetik irteten gizon argal bat eta beltzez jantzitako emakume bat agertzen dira marraztuta. Eguzki ederra dago zeruan eta hodeiren arrastorik ez. Itsaso bare eta urdin-urdina. Beste inor ez dago inguruan. Gizona eta emakumea oso irribarretsu daude; pozik, azkenik, alabaren bila doazelako. Behin eta berriro errepikatzen zuela marrazki bera esan dio Lolari, eta koaderno guztietan uzten zuela azken orria hutsik Lutxanan egonda nahi zituelako koadernoak bukatu. Ondo pentsatuta zuela zein izango zen azken orrietako marrazkia, baina ezin izan zuela bakar bat ere osatu. Ordura arte Lolak ez dio inoiz gerraz hitz egin Soleri. Berak gogoratzen dituenak gurasoek kontatzen zizkietenak dira: alde bietako gizon gazte asko hil ziren, haien gorputzak metatuta lurperatzen omen zituzten, askotan familiek ez zuten euren heriotzen adierazpenik jasotzen, esperoan bizi izan ziren urte luzeetan amak, emazteak eta alabak. Horren harira Lolak kontatu dio bere auzoko emakume batek arratsaldero-arratsaldero, negu zein uda, aulki bat ateratzen zuela etxe ondoko atera eta gerrara joandako semearen zain egon zela hil zen egunera arte; etxeetan miseriaren gorritasuna gero eta biziagoa zen bitartean. Gerra gogorra eta krudela izan zela, baina gerra ondorengoa ere ezpal berekoa izan zela. Gauean, Solek berak idatzi du ez amak ez aitak inoiz idatzi ez zioten gutuna. Urteetan espero izan duen hori. Bertan, aitaren gerraren kontrako adierazpen sutsuak egongo dira, gerraren pasarte lazgarriak baita hunkigarri askoak ere. Amaren negar malkoak sikatuta agertuko dira arrasto txikietan, alaba biak joaten utzi zituen egunekoak, itsasadarren beste aldeko etxeko lanak eta nekeak kontatuko dizkie alabei, ez dakitelako haietako bat urruti hartan hil denik. Muxuak egongo dira papera biguntzen eta gutxi barru joango gara zuen bila askotan errepikatuta, eta maite zaituztegu azpimarratuta, eta laster hitza gutunean sakabanatuta. Gauero irakurri ahal izango du, bizia salbatuko dion otoitz bat bezala eta ez zaio berriro burutik pasatuko lurralde hotz hartan gurasoek alaba ahaztu edo galdu zutenik. Guda madarikatuari egotziko dio errua; gerra krudeltasunaren sinonimo garbia delako. Denborak dena aldatu du. Nikoren haserrea ere bigundu da; dagoeneko, normaltasunez hitz egiten dio amari, eguneroko txikikeriez mintzatzen dira, elkarri ezer leporatzeko asmorik gabe. Ez zaio egin erraza amak herrira bueltatu behar zuela onartzea, baina haren baitan amaren herria ezagutzeko kirria sortu zaio, ama nahi duelako ikusi bere sorterrian, aspaldi zegokion lekuan; frogatu nahi du ama badagoela esaten dion bezain zoriontsu eta telefonoz adierazten dion guztia errealitatea dela. Denborak dena aldatu du. Sole bera ere aldatu da, urteek eta bizi izandakoek malgutzen lagundu diotelako, baina batez ere itzultzeak aldatu du. Atzamar-puntak gustura igurtzi ditu. Dagoeneko, ez dauka mingostasunik, ezta baten bati kontu eske jarduteko premiarik ere, kosta ere kosta egin zaio onartzea, baina bere istorioan ez dago gaizkilerik, ez dago errudunik. Azkenik, bake-hitzarmena sinatu du bere iraganarekin; eta horregatik, gurasoek idatzita egotea nahiko lukeen gutuna zati txikietan tolestuko du, eta sostenaren barruko partean sartuko du, bihotzaren taupadak igartzen diren lekuan, eta, akaso, Lolari irakurriko dio arratsalde euritsuren batean.
booktegi.eus argia.eus AURKIBIDEA Hitzaurrea Pertsonaia gordea oholtzan Eskemak apurtu dituen puntista Espainia ongi doa eta Euskadi ere bai Negozio txarra Gipuzkoako herrientzat "Hizkuntza asko hitz egiten diren tokian zergatik eman behar diogu leku berezia gaztelaniari?" Badator hizkuntza eskubideen alde borrokatzeko tresna berria Blokeoaren arrazoiak Euskal Herriko azken eskandalu polizialaren aurrean, 20.000 pertsonak Altsasuko zazpi gazteak askatzeko eskatu dute Nondik jo presoen aldeko lanarekin? 'Egia eredua'k dakarren iraultzak badu mapa berria Isiltzen denak zorionik ez du Espainiako Gobernuak atzera egin du: ARGIAk irabazi du Mozal Legearen auzia EAJ eta PSOE-ren erreforma saioak "legea berdin uzteko" “Zerbait egin behar da. Kalera atera behar dugu. Gobernuak igarri egin behar du gizartearen haserrea”. Artikulu hauek guztiak ingelesez eskuragai daude esteka honetan: http://www.argia.eus/english Hitzaurrea ITSASO ZUBIRIA ETXEBERRIA 2016ko irailaren 18a Ez beldurtu, kurtso berriarekin ez dugu astekaria bi hizkuntzatan irakurtzen hasi beharko. Hilabete batzuk badira lehen artikulu, albiste eta erreportaje bakanak ingelesera itzultzen hasi zirela. Markak hautsi zituen Korrikari buruzko erreportajeak, auzolanean 40 hizkuntzatara itzulita. Helburua garbia da, nazioarteari Euskal Herritik kontatzea gurean gertatzen direnak. Ezaguna baitzaigu hemengoari buruz kanpotik idaztea, informazio osorik gabe eta askotan interesak tarteko. Orain arte egindako itzulpenak sarean zabaldu dira, eta ARGIAk Creative Commons lizentzia librearekin funtzionatzen duenez, nazioarteko hainbat hedabiderekin harremana du eta haiek ere zabaldu dituzte testu horiek. Ingelesera itzulitako lehenengo artikulu horiek izandako harrera eta arrakasta ikusita, maiztasun jakin batekin itzulpenak argitaratzen hasi da ARGIA. Hemendik aurrerakoak zein diren ezagutzeko sarean jarraitu beharko dituzu, irakurle: http://www.argia.eus/english helbidean dituzu artikulu eta bideo denak. Eta @ArgiaEnglish kontua jarrai dezakezu Twitterren eta Facebooken. Imajinatzen al duzu Euskal Herriaz idazteko Euskal Herriko iturriak erabiltzen dituen nazioartea? Gurea guk azaldua? Pauso bat da ARGIAk emandakoa, eta ederra izango litzateke indar guztiak norabide horretan joatea “Basque Country” guk eraikitzeko. Bitartean, ARGIAk txikitik eragiten jarraituko du. Pertsonaia gordea oholtzan ONINTZA IRURETA AZKUNE 2016ko irailaren 04a XVII. mendea. Donostiako domingotarren komentutik ihes egin du nerabeak, bizilekua kartzela zaiolako. Badoa Amerikara, Espainiako erregearen alde borrokatzera, bertako herritarrak zapaltzera. Hogeitaka urte egingo ditu Mundu Berrian ezpata dantzatzen. Ez da, ez, gizona, emakumea baizik. Jada ez da ordea Katalina Erauso, gizon jantzietan Frantzisko Loiola da donostiar abenturazalea. Aurpegi askoko pertsonaia polemikoa, etxean baino kanpoan ezagunagoa, pastoralera ekarri dute. Baionako saioaren ondoren, Donostian eta Donibane Garazin antzeztuko dute. Argazkian Baionako saioan Katalina Erausoren rola betetzen arizalea. (Pierre Alex Barkoisbide) Maite Berrogainek 2005ean izan zuen Katalina Erausoren berri. Florance Delayren Catalina: Enquete liburua irakurri zuen eta Euskal Herrian arrotz eta munduan ospetsua zen emakume borrokalaria aurkitu zuela iruditu zitzaion. Pertsonaia hark osagai asko zituen: armada, eliza, borrokak, emaztea izatea, sexu orientazioaz zalantzak... alegia, pastorala egiteko gai bikaina iruditu zitzaion. Hamaika urte ondoren Baionan, ekainaren 5ean, 3.000 lagunek, Lauga kiroldegia leporaino beteta, Katalina Erausoren lehen emanaldiaz gozatu ahal izan zuten. Ikus-entzuleak bero sapa ahaztuta, arizaleen esanei erne ziren. Egokia iruditu zitzaienean txalo jo zuten, barre egin zuten, eta oihuak ere bai gustuko ez zirenak entzun zituztenean. Donostiako Victoria Eugenia antzokian 800 lagunentzako tokia izango da. Baionan baino dezentez ikusle gutxiago eta pastorala ikusten ohitu gabeko hegoaldeko asko ziurrenik. Guillaume Irigoyenek (arizalea eta hainbat abestiren letragilea) kezka horixe adierazi digu, ea ikus-entzuleek, pastoralean behar lukeen bezala, parte hartuko duten: “Baionan ikusle zirenen erdiek pastoralen batean hartu dute parte eta beste erdiaren erdiak parte hartu nahi du”. ‘Katalina de Erauso’ jelkaldika Dirudienez, 1624an Erauso autobiografia idazten hasi zen eta hurrengo urtean argitaratu zen. Dirudienez diogu, batzuen arabera memoriak baino norbaitek asmatutako kontakizuna baita. Ondorengo lerroetan Katalina Erausoren abenturazko bizitza kontatuko dugu Maite Berrogainek pastoralerako idatzitako prediku eta jelkaldiak narrazio haritzat hartuz. 1592an jaio zen Katalina Erauso Donostian. Migel Erauso aita kapitaina zuen, Filipe III.a Espainiako erregearen zerbitzura zegoen militarra. Ama María Pérez Galarraga. Lau urtetan lau alaba izan zituzten, eta lehenagotik semea zuten. Familia onekoa zen Katalina. Aspaldiko urte haietan Familia sosdunetan Neskak sartzen ziren Ttipitik komentuetan Lau alabak sartu zituzten domingotarren komentuan. Katalinak lau urte baino ez zituen. Aitak ez zuen ezkutatu alabekiko mespretxua: Alabak hanitx zaitzo Familiari kostatzen Aldiz semeek deioe Hari ohore ekarten Baionako emanaldian entzuleei ez zitzaien batere gustatu aitaren jarrera eta kiroldegian emanaldiko lehen gaitzespen oihuak entzun ziren. 15 urte inguru arte bizi izan zen komentuan. Handik ateratzeko irrikaz zegoen, ordea. Honela hitz egin zion serora nagusiari: Hügü dit zure manüa Joanen nüzü hebendik Ez dit maite diziplina Badit nik beste gogorik Eta haserrealdi batean iritsi zen alde egiteko ordua. Ihes egin eta bizi berri bat hasi zuen, gizon jantzietan hasi ere: Biloak dütüt moztüko (E)ta galtza lüzeak jauntsi Holaxe niz gizon üdüri Gaztea lerden bühürri Geroa esküetan düt Düdarik gabe joanen niz Barnean dütan sükarra Ez zaüt itzaliko berriz Frantzisko Loiola izena hartu eta Filipe IV.a erregearen Gortearen zerbitzura jarri zen. Mundu Berrira, Amerikara, joan nahi zuen. Txile, Bolivia, Panama, Venezuela, Argentina eta Peru zeharkatu zituen, ezpata aldean, Espainiako Inperioko erregearentzat zilarra eta urrea biltzeko ahaleginean. Osaba Eginorekin egin zuen Amerikarako bidaia: Honki jin ene lloba Noski dakizün bezala Zilar ürre ebasteko Denak hortan trebe gira Itsas ontziak dirade Osoki ürrez betetzen Hau denen ontsa zaintzea Zure kargüa da izanen Holandarrek espainiarren lapurreta gosea ez zuten maite: Ürrez ezin aseak zidee Deabrüen bizkar hotzak Aspalditik gure etsaiak Espainol ohoin ustelak Lapurretak, borrokak, ezpata dantzak, abenturak eta ihesaldiak izan ziren eguneroko ogi Amerikan egin zituen 24 urteetan. Batzuetan ihes egiten zuen, uste baitzuen Frantzisko Loiola emakumea zela ohartzear zirela. Gizon jantzietan emakumeekin zuen jarrerak eman du zeresana Katalina Erausoren historian. Izan ere, batzuetan badirudi emakumeren batez maitemindu zela. Maite Berrogainen ustez etengabe egin behar zuen antzerkia inor kontura ez zedin emakumea zela. Beste batzuen ustez, Ipar Amerikako lesbiana mugimendu batzuen arabera adibidez, Erausok emakumeak zituen gustuko. Hona Berrogainek gai horri lotuta idatzitako bi ahapaldi: Xiletik landa niz Perun Solarteren zerbütxüko Nola ez aipa alabak Izigarri dütüt gustüko Zoriona düt topatü Hanitx jente düt ikusten Neskekin denbora pasa Lana ez düt nik senditzen Maitasun kontuak pixkatxo bat, baina gorrotoak gordinagoak ziren Amerika aldean. Baionako ikus-entzuleak ez ziren lozorroan eta berriz ere gaitzespen oihuak zabaldu ziren Lauga kiroldegian, honela mintzo baitziren Migeltxo Erauso Katalinaren anaia lehendabizi eta Katalina bera ondoren: Heben zidee suntsitzeko Arraza apalagoak Gük garaitüko dütügü Nausi dira xuriak Indiano bürügorri Espainolek zütüe hilko Trumilka jiten beitira Amalürra ebasteko 24 urteko bizialdiaren ondoren, Europara joan zen eta emakume zela aitortu eta gizon itxuran bizitzen jarraitzeko baimena eskatu zion aita santuari. Haren arrapostuak publikoa aztoratu zuen eta Erausoren erantzunak berriz, txaloak harrotu zituen. Lehenik jakin behar dit Beti birjina zirenez Hebenko bi emagintsek Erranen düe bai ala ez Gizon bati ez deiozüe Galtatzen denez birjina Gizon emazteen arteko Injüstizia bat haboro da Ez zen Europan errenditu. Berriz ere Amerikara alde egin zuen, Mexikora, eta 1650. urtean hil zen moja soldadua. MAITE BERROGAIN ITHURBIDE, PASTORALAREN IDAZLEA "Katalina ere ardi beltza da" Zer moduz joan zen Baionako emanaldia? Enetako izugarri ontsa zeren eta publikoak parte hartu zuen. Zinez, plazer egin dit. Horrek harrapatu nau, ustekabe ona da hala ere. Donostian publikoa diferentea izango da. Nola erantzungo duela uste duzu? Nola jakin! Batzuek erraten dute, “Ez da holakorik izanen beste lekuetan”. Bada ez dakit. Pentsatzen dut baietz, zeren eta gorri eta urdinen arteko borroka hor da, emaztetasunaren aldeak… Pentsatzen dut baietz, jendeak pastoralean parte hartuko duela. Katalina Erausoren historiak pastoralerako osagai guztiak dituela diozu. Erausoren zein aurpegi erakutsi nahi izan duzu? Lehenik emaztearen gauza. Askatasun gose hori. Emazteak ez dira behar izan komentuan edo ezkondu, bazuten beste asmorik ere, denbora horretako beste emazte batzuek ere. Zeren eta geroztik irakurria dut Kristobal Kolonekin joaten zirenak denak gizonak zirela, eta Pizarro eta Cortesekin emazteak ere joaten ziren konkistarat. Beraz, ez zen hain harrigarria emazteak ikustea, nahiz eta Katalina gizonez emana zen. Hala ere, momentu batzuetan emazte agertu da. Eman dezagun, bere osabaren itsasontzia hartu duelarik bere osabak bazekien emaztea zela. (Bob Edme) Aurpegi gehiago ere baditu Erausok. Borrokazalea. Denbora haietakoa zen konkista. Gaurko egunekoa baldin bazen beste gauza batzuk defendatuko zituen beharbada, ez dakit.Beste aurpegi bat: Emazteen arteko maitasuna. Ezin dugu jakin zuzen ordea, emazteak maite zituenik. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena hortaz. Pasarte batean Erausok emakume batenganako desioa adierazten du. Egia erran, gizona zela eta emazteak maitatzeko prest zela behar zuen erakutsi. Ez nintzen urrunago joaten ahal. Antzerkia egin behar zuen gizona zela garbi gera zedin momentu oro. Nire ustez hori zen, behar zuen komedia bururaino eraman. Pastoralean ez dugu dena eman ahal izan ere. Momentu batez, Andeetako basamortua pasatuta, emazte beltz batek eta bere alabak etxera eraman zuten. Alabarekin ezkontzeko eskatu zion amak. Guk ez dugu agertu, baina testu batean erraten du emaztea hain zela itsusia ez zuela nahi harekin ezkondu. Eta beharbada estakuru bat topatu du, ihes egiteko. Zaila da jakitea emakumeak desio zituen ala ez. Hori da. Batzuek ideia hori bereganatu dute, Ipar Amerikako elkarte batzuek, lesbiana mundukoek. Euskal nortasuna ere bistan da pastoralean. Izugarrikoa izan da. Hango eliz buruak, epaileak, korrejidoreak, euskaldunak ziren eta elkartasuna adierazten zuten, beti Katalinaren alde. Ez dugu agertu, baina bi aldiz hiltzera kondenatua izan zen eta azken momentuan bazen norbait errateko Katalina bizkaitarra zela eta salbatu behar zela. Beti atera da horrela. Espainiarra ere bada. Erregearen alde ari da eta konkistatzaile da. Ez dakit izan zaren Hego Amerikan, baina joaten bazara edozein lekutara denetan badituzu euskal izenak, karriketan, etxeak… Gure historia beltza da. Katalina ere ardi beltza da. Konkistan parte hartu dute euskaldunek Espainiaren eta Frantziaren alde. Euskaldunak zepoan harrapatuta ginen, bien artean. Donostian bada brontzezko bustoa, kale bat ere bai bere izenarekin, elkarte baten izena... baina Donostiatik kanpo ez da batere ezaguna. Bere historia, ene ustez, gordea izan da. Gordea izan dela esango zenuke? Katalinak ez baititu biltzen euskaldunen baloreak. Erraten ahal dut pastoral hori ez dutela sekula emanen Zuberoan. Pertsonaia tradizionaletik kanpo da. Pentsa ezazu pastoral hau zer den adin batekoentzat, batzuek mutur egiten dute Elizako historia aipatzen baita, haserretu dira. Aita santuak Erauso birjina den jakin behar dela esaten du eta ikus-entzuleek arbuioz erantzun zuten Baionan. Bai, bai, izugarri. Sujeta, Katalina Erauso, gorria da. Ohikoa urdina, ona, izatea da. Gorrietan sarrarazi dugu. Zuberoan ez dute sekula egin, eta ez dakit eginen duten. Uste baldin bada beti ona behar duela izan, beti urdina... ene ustez sujeta ez da beti ona. Izan delarik konkistan, Espainiako armadan, guk gorrietan ezarri dugu eta indarra eman diegu indianoei, maputxeei, beren kexua agertzeko. Batzuentzat, sujeta gorri ematea iraultza da, guri iruditzen zaigu ez genuela beste maneraz egiten ahal. Aldaketa jendeak ondo hartu duela iruditzen al zaizu? Batzuk ez dira ohartu ere egin. Batzuk ez dakite sujetak urdina behar duela izan, kode horiek ere ez dakit non diren [barrez ari da], ahozko tradizioa baita. Niri batek erran dit hautsi ditugula kodeak, eta erran dut pozik naizela kodea hautsi badugu. Ez zaizu inor etorri esanez ez zaiola pertsonaia gustatu. Ez, horrelakorik ez. Gaurkotasuna du historia horrek, eta denak harritu dira, ez zen ezaguna historia. Baditut ilobak Ipar Amerikan, eta unibertsitatean ikasia zuten, badakite nor den moja militarra, hemen batere ez. Iruditzen zait Euskal Herritik kanpo nahiko ezaguna dela. Euskal Memoria osatzen AMAIA ALVAREZ URIA* XVI. mendearen amaieran Donostian jaio zen Katalina Erauso, La monja Alferez edo The Lieutenant Nun ezizenez ezaguna. Bere autobiografia idatzi eta 1625ean argitaratu zuen Espainiako erregeari egindako zerbitzuaren truke biziarteko pentsioa eskatzeko eta garaiko aita santuari gizon jantzita jarraitzeko baimena lortzeko. Biak eskuratu zituen eta testu horri esker heldu zaigu haren berri. Moja izan behar zuenak soldadu eta merkatari izatea erabaki zuen, emakume izan behar zuenak gizon bizitzea aukeratu zuen, heterosexual behar zuenak lesbianismoari zirrikitu bat ireki zion, euskaldun behar zuenak espainiar eta mexikar ere izan zen. Horrela bihurtu zen pertsonaia historiko eta mito literario. Donostian Miramarren edo Tabakaleran aurki dezakegu, baina, zenbateraino ezagutzen du euskal jendeak? Nork eta nola eman digu haren berri? Bizitza ‘liluragarria’ izan zuela errepikatzen da nazioartean berari buruz idatzi diren testuetan. Azken mende aldaketarekin areagotu egin zen bere presentzia argitalpen zientifikoetan eta gerora apaldu den arren urtero idazten dute berari buruz. Testu gehienetan bere genero identitatea eta sexualitatea sailkatu nahian ibiltzen dira eta ohiz kanpoko irudi bat izan zela diote. Argitalpenen %1 euskaraz idatzitakoak dira. Zergatik idatzi da hain gutxi Erausori buruz bere sorterrian? Zein da euskaraz eraiki den bere irudia? Lau liburu ditugu: antzezlan bat (Erauso Kateriñe, Katalina Eleizegi, 1962); bere autobiografiaren egokitzapen bat (Katalin Erauso, Iñaki Azkune, 1976); biografia dibulgatzailea (Katalina Erauso, Aitor Zuberogoitia, 1997); eta pastorala (Katalina de Erauso, Maite Ithurbide, 2008). Eleizegiren antzezlanean askatasunaren bila bere ametsa betetzera doan pertsona irudikatzen da. Azkuneren autobiografiaren egokitzapenean “gizon arima eta indarra” zituela eta “beste emakumeak bezalakoa ez zela” esaten da, “gehiegikeriaz eta zoritxarrez betetako bizitza” izan zuela gaineratuz. Zuberogoitiak Erausori buruz diosku “hain emakume indartsua topatzeak” harritu zuela, “baina gehien hunkitu ninduena bere barne borroka izan zen (…) eta etengabe ihesi egoteak sortzen zion tentsioa”. Ithurbidek Erausori buruz hurrengoa dio: “munduan ezaguna den arren hemen ez dutela berari buruz ezer jakin nahi” eta “generoaren afera egungo jendartearen aldarrikapenetako bat d(el)a”. Sherry Velascok (2000) dioen moduan kultura hegemonikoak Katalina Erauso eraiki, interpretatu eta merkantilizatu egin du, izan ere pertsonaia honek irakurle/ikus-entzuleen beldur eta desirak agerian uzten ditu. Erauso heroi eta arerio gisa irudikatu izan da, nazio, historia eta kultura desberdinen ordezkari; oso aldagarria eta maneiatua izan den pertsonaia da. Garai bakoitzak sexua, generoa eta sexualitatea modu desberdinetan arautzen ditu, baina errealitatea beti da anitza. XXI. mendean hiru eremu hauei malgutasunez eta dinamikoki begiratzeko erronka dugu, normal izateko eguneroko borroka antzuaz jabetu eta denak diferente garela onartzeko garaia badelako. *”Genero eta nazio identitateak Katalina Eleizegiren antzezlanetan” tesiaren egilea. Eskemak apurtu dituen puntista MIKEL GARCIA IDIAKEZ 2016ko irailaren 18a “Ez amestu bizitzie, bizi zure ametsak!” dio Markina-Xemeingo frontoi alboan dagoen muralak. Izaro Arbe zesta-punta jokalariak parte hartu zuen muralean eta ongi barneratua du leloa: ezkerra, atzelaria eta gizonen munduan emakume bakarra urte luzez, bere lekua irabazi behar izan du frontoietan. Argazkiak: Dani Blanco. Entrenamendu eguna du gaur Arbek. Xistera urez busti du, zumitzak hezetasuna behar duelako, apurtu ez dadin. Etxeko komunean gordetzen duela kontatu digu. “Mimoz zaindu beharra dago”. 25 ordu inguruko artisau-lana du xisterak eta gaur egun, apenas dagoen saskigilerik, denera bost bat omen dira Euskal Herrian, ofizioa ikasiko duten belaunaldi gazteek lekukoa hartzea behar dutenak. “Karbonozko saskiak probatzen ari dira orain, material berriak aztertzen...”. Kaskoa jarri eta frontoira egin du salto, bi mutiko eta entrenatzailea ditu zain. Tamainaz txikia da Arbe, baina hazi egiten da jokalekuan, sekulako zartakoak eman dizkio pilotari. Ikuskizuna itzela da harmailetatik; diotenez, munduko joko bizkorrena da, pilotak hartzen duen abiaduragatik. 22 urteko markinarra ere txikitatik liluratu zuen zesta-puntak. “Pilota xisterarekin hartzeko modua, ateratzen duen hotsa, eskuz egindako saskiak duen xarma, bertako kirola izatea… Beste kirolen aldean berezia da zesta-punta”. 11 urterekin jantzi zuen xistera lehenengoz, Jokin Arbe neba nagusia jokatzen ikusteak kitzikatuta. Gurasoen laguntzaz, Markina-Xemeingo klubean eman zuen izena, eta harrera ona egin zioten. Neska bakarra izanik, ordea, oztopo ugari izan ditu bidean. “Frontoia eremu erabat maskulinizatua da eta ‘zer egiten du honek hemen?’ izan zen besteengandik hasieran jaso nuen inpresioa. Era guztietako jendea dago eta denetik entzun behar izan dut”. 14 urteen bueltan, indar kontuetan mutilekiko aldea nabaritzen hasi zenean, txapelketa bat jokatu ostean antolatzaileak zera esan zion: “Zuk dagoeneko mutilekin ez, neskekin aritu beharko zenuke”. Minduta gogoratzen du Arbek: “Beste neskarik ez zegoen eta! Ni bota nahian ari zen, ala? Baina adin horrekin ez daukazu halakoei aurre egiteko nahikoa tresnarik. Bakarrik zaude, besteen berdina egiteko ahalegin bikoitza egiten, eta baloratu ordez horrelakoak entzun behar”. Aurkarien ahotik “neska baten aurka jokatu behar al dut?” aditzea ere egokitu izan zaio, batzuk deseroso sentitzen direlako, neska baten kontra jokatzeagatik edota galtzeagatik. “Baina orokorrean, nire inguruan behintzat, oso ondo eraman naiz jokalariekin”, nabarmendu nahi izan du. Batzuetan bakarrik sentitu arren, etxekoen babesa funtsezkoa izan da. “Neba izan dut beti alboan, beti erakusteko prest, batik bat hasierako aurpegi eta komentario itsusien aurrean”. Egun, Jokin Arbe profesional dabil AEBetan, pasa den urtarriletik. Gainera, ezkerra Indarra ezaugarri garrantzitsua da zesta-puntan eta une batetik aurrera mutiko gazteagoen kontra hasi zen markinarra, partidu parekatuak jokatzeko. Nagusiena izateaz gain, txapelketa ofizialetan parte hartzeari utzi behar izan zion, kategoriak eskatzen zuen adinaz kanpo zegoelako, eta Federazioak ez zuelako ezer egin horri irtenbideren bat aurkitzeko. Txikiekin entrenatu eta entrenatu, partiduen pizgarririk gabe, “motibazio aldetik gogorra izan zen”, dio. Bolada batean, beste neska bat aritu zen berarekin, baina panorama ikusita laga egin zuen azkenean. Arbe, haatik, ez da lagatzen duen horietakoa, batez ere aintzat hartuta hasieran zenbat kostatu zitzaion: ezkerra da bera, eta derrigorrezkoa da eskumaz jokatzea, saskia ezin da ezker eskuz hartu; urtebete eman zuen jo eta su, eskuin eskuz jokatzen ikasi zuen arte. Ezkerrez jokatu duenik egon da, baina arauetan ezer jartzen ez badu ere, ez omen da halakorik onartzen. Galdetu diogu ea ez al zen saiatu ezkerrez jokatzen. “Neska eta gainera ezkerrez! Baina zer nahi duzu, zuzenean frontoietatik bota nintzatela?”, erantzun du barrez. Motibazioz pattal zebilen sasoian, zesta-puntaz gain palari ere ekin zion. Azken finean, Emakumea Pilotari bezalako proiektuei esker, frontoietan pala da emakume gehien biltzen dituen modalitatea. Azpiegiturak, txapelketak eta erraztasunak jartzeak emaitzak ematen dituelako. “Esanguratsua da, gaur egun palaz ari diren emakumeen %80tik gora beste modalitate batzuetatik eratorritakoak dira. Elitean dabiltzan emakumezko palista asko aurrez eskuz aritutakoak dira”. Arbe ohartu zen, baina, “benetan betetzen ninduena zesta-punta zela, eta bidea egin nahi banuen nik neuk egin behar nuela, inork ez zuela nigatik egingo”. Pala utzi, zestaren aldeko apustua egin eta jarraitzea erabaki zuen, egoerari buelta emateraino, belaunaldi berriei bidea irekiz. Desmotibaziotik indartsu bueltatzera “Pixkanaka, nire esparrua irabazi dut. Kostata izan da, baina lortu dut, eta Markina-Xemeinen bat gehiago naiz frontoian. Nire ibilbidearen balorazioa egin beharko banu, esango nuke nahi dudan horri uko egin ez dion pertsona naizela”. Eta ez da gutxi. Gasteizen Irakaskuntza ikasi ostean, herrira gogotsu itzuli zen Arbe: egun, astean bi bider entrenatzen du, lagunarteko partidua du ostiralero, adin ugariko mutilekin (11, 15, 18...), eta Xistera proiektuaren baitan emakumeen arteko txapelketak antolatzen hasiak dira –hiru egin dituzte dagoeneko–. Izan ere, jokalari frantsesak eta katalanak badira, eta horiekin topaketak egin izan dituzte. Urri amaieran, denak elkartzea da asmoa, Euskal Herrian. Katalunian hamar bat emakumetik bira jaitsi dira puntistak, baina Frantzian gora egin du kopuruak, 15 bat ari dira uneotan. Iaztik, helduen mailan beste emakume bat ari da Donostian: Leire Arribas. Eta garrantzitsuena, neska jokalarien harrobia sortzen ari da, tartean Izaro Arbe beraren entrenatzaile lanari esker. Gainbehera dagoen modalitatea da zesta-punta. Euskal Herriko elkarte puntistak batu eta Xistera proiektua sortu dute, kirol hau indartu asmoz. Hiru adar nagusi ditu ekimenak: afizionatu mailan txapelketak sustatzea, emakumeen parte-hartzea bultzatzea, eta ikastetxeetan haur eta gazteei zesta-puntaren berri ematea. Hirugarren adar horretan buru-belarri ari da markinarra, eta pauso handia dela dio: “Ikasturte honetan hamabi herritara joango gara eta horrek esan nahi du ikasle pila batek ezagutuko duela kirol hau. Umeek dena probatu ahal izatea da helburua, eta erreferentzia emakumezkoa izatea ere oso inportantea da: duela hiru urte, umeak zesta-puntan entrenatzen hasi nintzen Durango eta Berriatuan; aurretik gizon bat zuten entrenatzaile, eta zero neska aritzetik, ni jarri eta bi astera 14 neskek eman zuten izena kolpean!”. Arbek berak erreferente gutxi izan ditu, emakumerik apenas aritu delako zestalari. “Probatu emakume ugarik probatuko zutela pentsatzen dut, baina ez zuten aurrera egin. Kurioski, euskal pilotan emakumearen sarbidea zesta-puntaren bidez izan zen: Maria Unzueta eibartarra zesta-puntan aritu zen XIX. mende bukaeran, jokalari ona zen eta profesional aritzeko proposatu zioten, baina aitak debekatu egin zion”. “Orain, zesta-puntan aritu nahi duen 8 urteko neska ez dago bakarrik” Durango eta Berriatuan umeei zestan irakatsi ondoren, euskal pilotako entrenatzaile titulua atera eta iaztik Markina-Xemeinen dihardu Arbek. Bekobenta ikastetxean dabil, 6-12 urte arteko gazteekin. 20 bat dira, horietatik 14 neska inguru. “Asmoa da pixka bat ikasten dutenean frontoi handira joatea”. Guztira 100 bat zestalari ari dira herrian. Partidua bota eta etxera, Arbek ez du halako saiorik gidatu nahi. Zesta-puntan aritu, kirolari lotutako jolasak egin, talde giroa sortu… Jarduera fisikotik harago, baloreak lantzen saiatzen da entrenamenduetan. “Denak batera aritzen dira, hala behar du Lehen Hezkuntzan: neska eta mutil, jatorria dena delakoa, adinak nahastuta… Elkarbizitza lantzeko tresna aproposa da kirola, harremanik ez duen jendea elkarrekin aritzeko aitzakia, eta hori guztia jorratzen ahalegintzen naiz, ez dadila egon mutilik esango duenik ‘nik ez dut neska batekin jolastu nai’”. Gustura dago bizkaitarra, esfortzua fruituak ematen ari dela nabaria da eta neskaz ere osatutako taldea itxaropenez ikusten du: “Orain, zesta-puntan aritu nahi duen 8 urteko neska ez dago bakarrik, taldean neska gehiago ditu, eta taldea egonik, errazagoa da etorkizunean jarraitzea”. Pozarren dago Izaro Arbe, entrenatzaile lanak bete egiten duelako, eta jokalari moduan gustura dabilelako. Zenbat aurreiritzi apurtu dituzu? “Aurreiritziak ez dakit, jendearen eskemak apurtu ditut, hori bai. Denetik egongo da: batzuek esango dute, ‘zer ari da hau zestalari?’, eta beste batzuek berriz, “aupa Izaro! Nik egin ez nuena zuk egin duzu”. Argazkian, Arberekin eta Xistera proiektuko presidentearekin batera, Markina-Xemeingo Bekobentako eta frontoi handiko taldeetako umeak. Bekobentan 20 bat dira Izaro Arbek entrenatzen dituen gazteak, horietatik 14 neska inguru. Espainia ongi doa eta Euskadi ere bai XABIER LETONA 2016ko irailaren 27a Espainia ongi doa, zioen Aznarren PPk bere kanpaina ospetsu batean. Euskadi ongi doa, errepikatzen die EAJk etengabe herritarrei, eta mezua burmuinean iltzatu zaio boto-emaileen %37ri. Argazkia: Marisol Ramirez / Argazki Press Boto jeltzalea oinarri sendoa den ideiak, “ongi goaz” ideiak azken lau urteetan sarean harrapatu ditu beste esparru politikoetako boto-emaile ugari, hasi PPtik eta EH Bilduraino. Zentralitate, egonkortasun eta moderazioaren paradigma, EAJk eroso gobernatzeko alfronbra gorria du, alfonbra azpian sartu ezin diren arazo sozialek horretarako aukera izorratzen ez badiote bederen. Nola egingo du hori? Nahieran. Logikoena litzateke beren moldera gehien hurbiltzen den PSEko makulua baliatzea, eta denak adierazten du hala izango dela. Bide hori PSEren hilobirako bidea izan daiteke, baina gaitza da PSE Elkarrekin Podemos eta EH Bildurekin egiazko harresi soziala eratzen irudikatzea. Eta gainera, ausartuko balitz ere, EAJren eta PPren zentro-eskuinak 38 boto ditu, gehiengo osoa. Ezkerrak jai EH Bilduk hegemonia lehiatu zion EAJri 2012ko saioan. Azken hauteskundeetako Podemosen indar erakustaldiak piztu izan du horretarako ametsik aldaketa ezkerretik amestu dutenen artean. Hauteskunde eguna hurbildu ahala, baina, ametsa samur desegin da, hegemonia lehiari uko egin baitiote EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Egia esan, hegemonia kontuetan pentsatzeko baino, EH Bilduk nahikoa zuen azken boto-zauri mingarrietatik sendatzeko formulen bila jardutearekin. Elkarrekin Podemosek oraindik ere ihes egiten dio EH Bildurekin aldez aurretik ezer bateratu saltzeko aukerari; lehiakide izateaz gain, Podemoseko egoitza zentrala Madrilen izateak badu eraginik oraindik. Emaitzak ikusita, beraz, pentsa liteke denak bere horretan jarraituko duela joko instituzionalean. Ekonomia suspertzen jarriko du indarra EAJk, orain arteko bideari eutsiz. Espainian eskuina zentralistaren indarra ikusita, autogobernuan ezin espero bultzada handirik, are gutxiago Madrilekiko konfrontazioa elikatzeko bada: “Vade retro Katalunia”. Betor Kolonbiako haizea Behin EH Bilduren mehatxua gainetik kenduta, gatazkaren amaiera ordenatuaren esparruak har dezake beste indarrik legealdi honetan, batez ere horretarako inoiz baino sostengu sendoagoa izan dezakeelako Eusko Legebiltzarrean. Kolonbiako bake prozesuaren haizeak dokumental eta erreportajeetarako baino gehiago ere balio beharko luke hemen; areago oraindik Espainian eta Frantzian ia 400 preso direnean sakabanatuak eta baldintza estuetan. Ez da kanpainako gaia izan, baina izan beharko luke legealdikoa. Negozio txarra Gipuzkoako herrientzat URKO APAOLAZA AVILA 2016ko urriaren 02a Udazken honetan esleituko du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak Zubietako errauskailuaren lehen fasea. Udazken honetan ere, hainbat udalerrik esku artean izango dute partzuergotik ateratzeko azterketa. Proiektuaren kostuak –mila milioi eurotik gora– eta hori pagatzeko ezarriko diren baldintza gogorrek, hankaz gora jarriko dute hondakinen kudeaketa jasangarrirantz udalerri horietan orain arte egindako lana. Herritarrak prest al daude ondorengoei halako zorra uzteko? Herritar asko bakantzetarako –edo udako behin-behineko lanaldia hasteko– zenbat egun geratzen ziren kontatzen ari zirela, data bat gorriz markatu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) egutegian: uztailaren 28a. Ikasturteko azken aurreko eguna aukeratu zuen ikasturteko erabaki inportanteena hartzeko, Zubietako erraustegiaren eraikuntza eta gestioa esleitzeko baldintza-pleguak onartzea. Bateko Gipuzkoa Zutik-en protesta baketsu eta ikusgarriak, besteko GuraSOS elkartearen eta osasunaren aldeko mediku taldearen kritikak, errausketaren kontrako mugimenduak estualdian sarturik zituen uda hasieran Gipuzkoako Aldundiko arduradunak. Uztail amaieran jende gehiena hondartzan izango zela aurreikusi zuen agian GHK-k –Zubietako proiektua bultzatzen dabilen sozietate publikoa da, Aldundiaren eta udal mankomunitateen artean osatua–, baina hala ere ehunka lagun bildu ziren Donostian izara zuriak hartuta Zuen negozioa, gure minbizia lelopean, “Gipuzkoan inoiz egin den diru xahuketa handienetako bat” salatzeko. Uztailaren 28an Donostiako Gipuzkoa Plazan ehunka lagun bildu zen, modu ikusgarrian salatzeko GHK-k Zubietako erraustegia eraikitzeko emandako urratsa. Hondakinen partzuergoak udazkenean onartu nahi du azpiegituraren esleipena. (Argazki Press / Juan Carlos Ruiz) Hori gertatu bitartean, askoz oharkabeagoan igaro ziren hainbat udaletan ematen ari ziren mugimenduak, 200.000 tona zaborrentzako erraustegiaren proiektuak zertara lotuko zituen jakin ostean. Hitz modernoak, formula zaharra Hondakinen kudeaketa udalerrien eskumenekoa da eta horiek mankomunitateetan bildu izan dira. Gero hondakinen kontsortzioa sortu zuten, hark berriz 2007an GHK sozietatea, erraustegia eraikitzeko. Zentralizatze bidean emandako urratsei, pribatizatzerantz emango direnak gehitu behar zaizkie. Partzuergoaren planaren arabera, 35 urtez kontratista baten esku geratuko dira erraustegia eta herritarren hondakinak. Aldundiko arduradunek public-private partnership edo “adiskidetasun publiko-pribatu” bezala deskribatu dute operazioa. Ingelesezko hitzez jantziriko formula zahar eta aski ezaguna da. Enpresak zerbitzu publiko bat bereganatuko du, eta errentagarria suertatzen ez bazaio administrazioak bermatuko dizkio etekinak, horretarako herritarrei oinarrizko beste zerbitzu batzuk eskaini behar ez badizkio ere. Halakoez ondo dakite Tesalonikan uraren defentsan ari direnek, Txilen GHK-k uztaileko bilera erabakigarria egin aurretik, erraustegiaren esleipenak gipuzkoarrei jarriko dien motxila astunaren berri bagenekien prentsaren bidez: mila milioi eurotik gorako kostua, %10,5eko interesa enpresentzat (ikusi 26. orrialdeko grafikoa), erabileran baino tarifa bakarrean oinarritutako kuota bidegabeak… Ba al dago inor horrelako klub bateko kide izan nahi duenik? Deloitte aholkularitza etxeak GHK partzuergoarentzat egindako azterketa batek are argiago utzi du nola amarratu nahi dituzten udalak erraustegira. Hamar orrialdeko fiskalizatze txostenean dioenez, Zubietako plantaren eraikuntza eta kudeaketak sorturiko zorra “derrigorrez eta lehentasunez” ordaindu behar izango dute Gipuzkoako udalek 35 urtez, beste edozein gasturen aurretik. Erraustegia ustiatuko duen enpresa pribatuak “salvaguarda” gehiago ere izango du gure hondakinetatik negozioa egingo duela ziurtatzeko. Udal batek partzuergoak inposatutako tarifa ordainduko ez balu, Aldundiak beste kontzeptu batzuetatik “kitatuko” dio dirua –foru funtsetik jasotzen dute udalek urteko aurrekonturako diru poltsa handiena–. Gainera, ezin izango dizkio hondakinak beste inori saldu, merkeagoa eta hobeagoa izanagatik ere. Eta partzuergotik ateratzea erabakiz gero? Berdin ordaindu beharko du zorra, baita banantzeak gainerako udalei sorturiko kalteordaina ere. Baina sartzea posible bada, irtetea ere bai. Esleipena ez da oraindik sinatu eta hainbat udalek iragarri dute aztertuko dutela aukera hori. Hondakinen kudeaketan pauso esanguratsuak eman dituzten herriak dira, birziklapen tasa oso altuak dituzte, biztanleko errefus kilo gutxi sortzen dute eta Europako erakundeek eredugarritzat jarri dituzte behin baino gehiagotan. “Usurbilek %83tik gora birziklatzen du, nolatan ez dugu ba aukera hori aztertuko?”, dio Xabier Arregi Usurbilgo alkateak. Zubietan erraustegia egin behar den tokitik oso gertu dagoen Usurbilen (6.000 bizt.) proiektu horren kontrako borrokan nabarmendu izan dira herritarrak. Urriaren 21etik 23ra erreferenduma antolatu dute, erraustegiaz Gipuzkoan egingo den lehena: “Oso aintzat hartuko dugu emaitza –dio Arregik– herritarren hitza agindu zehatza delako guretzat”. Uztailaren 26an udal plenoak mozioa onartu zuen esanez Usurbilek Gipuzkoako “hondakinen arkitektura instituzionalean” ez duela tokirik, eta batzorde bat sortzea erabaki zuen aztertzeko teknikoki, juridikoki eta ekonomikoki nola atera daitezkeen San Marko mankomunitatetik. Batzorde horrek memoria bat aurkeztuko du “bi hilabeteko epean, gehienez ere”. Gauza bera onartu zuten Oiartzunen eta Zaldibian, baita Hernanin ere, hor azterketa udalak berak hartu du bere gain ordea. Abiadura eta tempoak ondo neurtu behar diren aldagaiak dira asunto honetan: enpresek hemendik aste gutxi arte dute konkurtsora aurkezteko epea eta partzuergoak obrak urri hondarrean esleitu nahi ditu. Zama ekonomiko itzela Udalerri horien exit-a gauzatuko balitz, GHK-ko barne orekan zer eragin izango duen jakitea zaila da, baina bistan da beste bazkideei are astunago egingo zaiela errauskailua eraiki eta mantentzea. Eta lehendik aurreikusitako zama ekonomikoa ez da nolanahikoa, ARGIAk eskuratu ahal izan duen dokumentu baten arabera. Gipuzkoako udal kontu-hartzaile batek simulazioa egin du, lurraldeko herri guztiek 35 urtean, eta urtero, erraustegiagatik ordaindu beharrekoa zein den jakiteko. Horretarako mila milioi euroko zifra “kontserbadorea” hartu du aintzat, enpresek esleipenean beheranzko eskaintzak egingo dituztelakoan –nahiz eta askok ziurtzat ematen duten amaieran proiektuaren kostua askoz handiagoa izango dela; Deloittek berak 1.407 milioi eurokoa izango dela dio–. Simulazioaren arabera, adibidez, Donostiak 7,4 milioi euro jarri beharko ditu urtero 2051 arte hondakinak erretzeko, Tabakalerari ematen diona halako hiru. Zumarragak 13 milioi euroko faktura ordaindu beharko du orotara epe horretan, Arcelorrek altzairu planta irekita mantentzeko Jaurlaritzari eskatzen zion kopuruaren adina. Gipuzkoako herri demografikoki txikienean, Gaintzan, bere 120 biztanleek 167.000 euroko hipotekari aurre egin behar izango diote hemendik aurrera. Hernanin berriz, erraustegiarentzat urtero gastatu beharreko 780.000 euroekin udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua ordaindu dezake, bertako Zero Zabor taldearen arabera. Baina talde honek beste kalkulu batzuk ere egin ditu Hernaniko kasurako, hainbat datu eskuan hartuta. Badira sei urte Hernanin (19.000 bizt.) hondakinak jatorrian sailkatzeko atez ateko bilketa sistema jarri zutela. Geroztik %75etik gorako birziklapen tasa dauka eta auzo-konposta ere herriko toki gehienetara hedaturik dago. Baina emaitza berak dituzten beste herri batzuen kasuan bezala, GHK-k ahalegin hori zigortu egiten du saritu beharrean: errefusaren tarifa %11 igo du partzuergoak, eta aldiz hondakin organikoarena %77. Eta hala ere, Hernaniri askoz karuago aterako litzaioke erraustegia izatea oraingo sistemarekin jarraitzea baino, zehazki 21 milioi euro gehiago. “GHKren kudeaketa eredua ez da jasangarria inorentzat eta gutxiago ondo egiten duten udalentzat –dio Hernanin Zero Zabor taldeak darabilen lan-dokumentu batek–. Oso denbora laburrean hankaz gora joango da azken sei urteotan oso emaitza onekin landu dugun eredua”. Hernaniarrek osasunean eta zerbitzuetan ez ezik, lanpostuen galeran –Manu Robles Arangiz fundazioak ikertu duenez, 7.000 enplegu sor daitezke EAEn eta 900 Nafarroan hondakin guztiak jatorrian sailkatuz gero– eta euren poltsikoetan ere nozituko dute erraustegiak utziko duen zuloa, familia bakoitzak udalari ordaintzen dion zaborraren urteko tasa 95 euro izatetik 300 euro izatera igaro baitaiteke. Martxoaren 2an Ermuko alkate Carlos Totorikak galdera egin zion partzuergoari ea erakundetik irtetea zenbat kostako litzaiokeen Bizkaiko udalerriari –Bizkaian dagoen arren Debabarreneko kide da–, hondakinak Zabalgarbira eramatea merkeago izango zutelakoan. GHK-k prezioa jarri eta haren presidente eta Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok jakinarazi zion: 9 milioi euro. Zakuan sartu zituen, besteak beste, erakundeak orain arte pilatu duen zorra –bankuekin sinaturiko swap ezagunak barne–, baina baita Zubietako erraustegia eraiki eta ustiatzeak hurrengo bi hamarkadetan eragingo dituen gastuak ere, oraindik esleitu gabe dagoen arren. Zifra desorbitatu hori mezu garbia izan zen GHK abandonatu nahi duten guztientzat. Hernanin Zero Zabor taldeak hainbat iturrirekin kontrastatu duenez, ordea, 1,4 milioi euroan errenditu daiteke kopurua Hernaniren kasuan, eta asko jota 2 milioitan. Izan ere, kitapenean etorkizuneko inbertsio eta zorrak sartzea legezkoa ote den oso zalantzan dago. Talde honen esanetan “merezi du kudeaketa propioaren alde egitea eta GHKtik irtetea. Han segitzea ruina bat da Hernanirentzat”. Lubaki juridikoa prestatzea da orain, beraz, partzuergoaren saretik irten nahi duten udalen zeregin nagusietakoa. Biharamunean hondakinei zein aterabide eman ez dirudi teknikoki hain gaitza izango denik, kudeatu beharreko errefus kopurua murritza baita beste herri batzuekin alderatuta. Barruan geratzen direnek, erraustegiak utzitako zorraz gain, proiektuaren bigarren fasearen inkognitei egin beharko diete aurre. Nork erabakitzen du? Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan ordezkatuak daude Aldundia eta udalak mankomunitateen bidez. Baina GHK-ko batzarretan denek ez dute pisu eta erabaki ahalmen bera, pisu demografikoaz gain, mankomunitatea zein alderdi politikoren kontrolpean dagoen funtsezkoa da balantzak alde batera edo bestera egiteko. Uztailaren 28n erraustegiaren baldintza-pleguak onartzearen alde 89,7 boto egon ziren (grisez) eta kontra 10,3 baino ez (arrosaz), beheko zerrendan ikus daitekeenez. "Hizkuntza asko hitz egiten diren tokian zergatik eman behar diogu leku berezia gaztelaniari?" ARGIA 2014ko azaroaren 02a Aski ezaguna da Carme Junyent (Masquefa, 1955), Euskal Herrian hizkuntza munduan. Vilaweb agerkari digitalak elkarrizketa mardula egin dio, eta orriotara hainbat pasarte ekarri dugu euskaratuta. Independentziak ez duela zertan katalana salbatu esan digu, eta gaztelania-katalana bikotea baztertu eta Herrialde Katalanetan milaka lagunek hitz egiten dituzten beste hizkuntzei begira hasteko garaia dela dio. Hizkuntza aniztasunaren apologia egiten duzu beti. Orain dela ehun urte Herrialde Katalanak elebakarrak ziren. Egoera hura txarra al zen? Elebakartasuna zen orduko egoera, eta oso ondo zegoen. Baina orain dela ehun urte ez zegoen internetik, telebistarik, irratiak lehen urratsak eman zituen. Ez zegoen gaur egun munduarekiko dugun komunikaziorik. Hizkuntza ordezkapen prozesuetan, hizkuntza menperatzailea datorrenean ikus dezakegu nola eremu homogeneoak, itxiak, sentikorrenak diren. Aldiz, hizkuntza menperatzaileak hizkuntza aniztasuna duenean parean erasoei hobeto eusten zaie. Pentsarazi beharko liguke. Soziolinguistika kanonikoak mundu homogeneo ideal hori marrazten dizu beti, eta ez zait hainbeste interesatzen soziolinguistika mota hori, zaurgarriago egiten zaituelako. Garai hartan elebakartasuna oso ondo zegoen. Orain bestelako egoerak ditugu eta ez badakigu ondo kudeatzen, hau da, ideal elebakarra badugu helburu, desagertzeko arrisku handia daukagu. Teoria klasikoak dio bi hizkuntza harremanetan daudenean bi irtenbide daudela: ordezkapena edo hizkuntzak aurrera egitea. Kontua ez da teoria horrek ez duela balio, baizik eta teoria bat gehiago dela. Errealitateak esaten digu beti ordezkapena gertatzen dela. Nik ez dut normalizazio kasurik ezagutzen, bat bera ere ez, mundu osoan, historia osoan. Eta urteak daramatzat bila. Egonkor mantendu den ele biko komunitaterik ez dut ezagutu, eta ezagutu ditudan guztiek hizkuntza ordezkatuta bukatu dute. Herrialde Katalanak orain ez al gara ele bikoak? Zorionez ez. Elebitasunak desagertzera ginderamatzan. Aniztasun handiagoa egotea da interesgarria, baldin eta artikulatzen badakigu. Baina, orain oro har, aniztasuna gaztelaniak bereganatzen du. Elebitasun hori are arriskutsuagoa da. Hizkuntzak, katalana barne, birkokatu behar direla onartzeko gai bagara, itxaropena izan dezakegu. Elebitasuna eta diglosia kontzeptu zaharkituak al dira? Beti esan dut: ez dut uste politikak hizkuntzak aldatuko dituenik. Jordi Solé y Camardonsek –lagunak gara inondik ere– uste du independentziak katalanaren egoera konpontzeko balioko duela eta nik ezetz esaten diot. Horretan sinesten badugu oso gaizki daukagu, zeren politika oso eraginkorra izan da hizkuntzak hiltzeko, eta ez haiek berpizteko. Israelen adibidea azaleratzen da beti, errepika ezina da. Aurrera egin nahi badugu, egiaz hizkuntzak bizirautea nahi badugu, eredu berriak bilatu behar ditugu. Hiztunen arteko loturetan gehiago sakontzea proposatzen duzu. Ohartzen zara hizkuntza asko galdu direla hiztun komunitateen arteko komunikazio bideak aldatu direlako? Eta hizkuntza berreskuratu nahi izan denean, ez dira saiatu sare hori berrosatzen, baizik eta hizkuntza jakin bat, hizkuntza isolatua, berreskuratzen saiatu dira. Berriro diot, ez da bat bera ere berreskuratzen. Kontua sarea berriz jostea edo berria egitea da. Ez diot zentzu handirik hartzen “onik atera dezagun katalana” esateari, katalana hitz egiten den lurralde guztietan zer gertatzen den ahazten badugu. Katalanez bikain hitz egiten duen amazighari gaztelaniaz hitz egingo diote, jendeari horixe sartu zaiolako kaskezurrean: kanpokoa dela uste dugunari gaztelaniaz egiten diogu, hizkuntza ez-markatuan. Sare hori aireztatu behar da eta harremanak aldatu. Unibertsitateak bultza dezake pentsaera aldaketa? Bai, baina ez dakit oso garbi daukan. Denok ingelesari begira gaude. Hirueletasuna eleaniztasunaren gorena iruditzen zaigu: ingelesa, gaztelania eta katalana. Horrek ez du ezer aldatzen. Aldaketa politikariek ez badute egiten nork sustatu behar du? Jendeak. Nola iritsi jendearengana? Politikarien bidez? Begira, ondoko gertaerak dena azaltzen du. Frankismoan orain baino gehiago hitz egiten zen katalana, ezta? Politika aurka daukazu eta hizkuntza aurrera doa..., eta teorian, politika zure alde izan duzunean hizkuntzak atzera egin du. Paradoxak pentsarazi beharko liguke. Ziurrenik politikariak beharko ditugu gizartea dinamizatzeko, baina nik uste dut goitik datozen gauzek, hizkuntza-kontuetan, gutxiespena eragiten dutela. Horrelako adibide gehiago daude. Guaranieran erreakzio hori deskribatu da, baita maorieran ere. Adibide horiek jartzen ditudanean jendeak uste du hirugarren mundukoak direla eta ez digula eragiten. Baina hiztunak berdinak gara toki guztietan. Hizkuntza hilko den herrialde independentea izatea gerta liteke? Bai, baina ez dugu utzi behar hori gerta dadin. Horregatik, ez ditut bateratu nahi independentziaren prozesua eta hizkuntzarena, erritmo desberdinak baitituzte. Independentziaren prozesua egun batetik besterakoa izan daiteke. Bat-batean gauzak asko aldatu dira. Hizkuntzarekin kontuak ez dira horrela gertatzen. ERCko presidente Oriol Junquerasek gaztelania ofiziala izango dela dio. Zer iritzi duzu? Hauteskundeei begira uler nezake aukera hori, baina horrela ere ez dut ulertzen. Irakurri diodan azken artikuluan La llengua dels meus amics, de la meva gent, nepotista iruditzen zait. Nire lagunek eta nire jendeak hizkuntza asko hitz egiten dituzte: beraz, ez dago hizkuntza bakarra. Eta katalanari zer gertatzen zaio? Ez da zure jendearen hizkuntza? Hizkuntza asko hitz egiten diren tokian zergatik eman behar diogu leku berezia bati? Ez dut ulertzen, inondik begiratuta ere. Historialari izanda, ikuspegi historikoa izan beharko luke, eta berak irudikatzen duena gertatuko balitz gaztelaniak katalana ordezkatuko du. Ez dut ulertzen, eta gainera uste dut ez duela boto gehiago lortuko. Boto gehiago irabaz ditzakezu denak konpromisoa hartzera behartuko dituzun planteamendu bati esker. Hemen gehien hitz egiten diren hizkuntzetako hiztunak behar ditugu, hizkuntza aniztasuna zaindu nahi badugu. Haien konpromisoa behar dugu, eta ez dut zalantzarik gehienena badugula. Beraz, hori artikulatzeko aukerak sor ditzagun. Zergatik izan behar dugu talde zehatz batekin jokaera berezia? Haien ustez, gehiengoa dira, eta egiazki ez da hainbesteraino. Bestalde, gaztelania hizpide denean, gaztelania bakarrari buruz hitz egiten da, eta asko daude. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatuta, denek katalana eta gaztelania menperatu behar al dituzte? Eta hizkuntza gehiago, eta ez derrigorrez ingelesa. Ez dakit handiegia botako dudan, baina derrigorrez gaztelania izan beharrik ere ez dago. Beste hizkuntza batzuk ikas daitezke. Bertakoa katalana da. Bestelako bideak jorra daitezke. Erromaniko jarraitua sustatu daiteke. Orain, aukera horiek denak ingelesagatik desagertzen dira. Ikasleen familietako hizkuntzak bultza daitezke. Denak ezin da, baina asko bai, gizarteak behar ditu. Azalduko hobeto? Katalunian 40 bat hizkuntza daude, zeinak hiztun kopuruagatik bakarrik babestea mereziko lukeen. Gaur egun, diru denak xahutzen ditugu hizkuntza eskolak ordaintzen, ez-dakit-zer ikasi nahi dugulako. Baina gure artean dauzkagu txinera, errusiera, arabiera… Ziurrenik elkarbizitzarako balioko liguke eta hainbat hiztun komunitateren jakintza jasoko genuke. Aniztasuna artikulatzeko modu bat litzateke. Eredua hau da: katalana hizkuntza ardatza, eta gero, hemen hitz egiten diren hizkuntzei esker sortzen diren aukerak baliatu. Laburbilduz, etorkizuneko Kataluniako Estatu berriko presidenteari hiru aholku emango al zenizkioke? Erokeriak esateko gogoa ematen dit, bat ala beste esan, inoiz ez naute kontuan hartuko [barrez]. Lehenengoz, Hizkuntza Politikako zuzendaritza orokorra kenduko nuke. Hizkuntza denena da eta denek hartu behar dute konpromisoa. Gotorlekuan edukita, besteek bere ez egitea lortu da. Osasun edo Industria Sailari berdin die katalana, txokoan dagoen zerbait baita. Bigarrena, jendea adoretzeko moduak bilatu. Ezinbestekoa da. Eta batik bat elkarbizitza, partekatzea eta ilusioa sustatu. Onartu behar da, azkenean lortzen badugu, denon kontua izango dela, ez katalan hiztunona bakarrik. Hirugarrena, gutxienez, gauza guztiek katalanez funtzionatzeko baliabideak ezarri. Murrizketak ez ditzatela katalanek izan. Eta murrizketak dituztenei baliabide guztiak eskaini: itzuli egin behar bada, pazientzia eduki behar bada… beharrezko guztia eskaini beharko genuke. Garbi gera dadila ordea, herrialde honetako hizkuntza katalana dela eta lurralde zati batean okzitaniera. Badator hizkuntza eskubideen alde borrokatzeko tresna berria ONINTZA IRURETA AZKUNE 2016ko urriaren 23a Europako hizkuntza komunitate gutxiagotuetako 200 gizarte eragile ingururi galdetu diete: zuen hizkuntza eskubideak errespetatzeko zein neurri hartu behar direla uste duzue? 400dik gora ekarpen egin dituzte. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren bultzatzaileak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua eta Kontseilua dira. Protokoloa ez dute paper hutsean geratzeko landu, etorkizunerako tresna izatea da nahia. Gizarte eragileek proposatu dituzte protokoloaren nondik-norakoak, eta hemendik aurrera lanabes izango dute. Euskalgintzak hiztunak, espazioak, tresnak sortu ditu, eta aldarrikapenak egin ditu. Badaki zer den hizkuntza eskubide urraketa, eta buruz dakizki eskubideak bermatzeko hartu beharreko neurriak. Europako hizkuntza gutxiagotuetako eragile sozialei beste hainbeste gertatzen zaie. Horregatik, protokoloaren prozesuan badira bi sustatzaile (Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua eta Kontseilua), bada talde antolatzaile bat (Linguapax, Gutxiengoen Gaietarako Europako Zentroa, PEN Itzulpen eta Hizkuntza Eskubideen Batzordea, Ordezkaturik Gabeko Herri eta Nazioen Erakundea, Europako Hizkuntza Berdintasunaren Aldeko Sarea eta CIEMEN) eta bada batzorde zientifikoa, baina protokoloaren oinarriak Europako 200dik gora eragilek ezarri dituzte. Zertarako da protokoloa? Hizkuntzen aldeko herri mugimenduek eskubideak bermatzeko 400dik gora neurri proposatu dituzte. Neurriak eta adierazleak dira protokoloko hitz giltzarrietako bi. Zer esan nahi duten azaltzeko adibide pare bat. Beste hizkuntzetan sortzen den literatura gure hizkuntzan irakurtzeko eskubidea daukagu. Beraz, eskubide hori bermatzeko neurriren bat hartu beharko da. Eman dezagun ezartzen dugula neurria zeinaren arabera hurrengo bost urtetan 50 liburu itzuliko ditugun euskarara. Neurria betetzen den edo ez jakin behar dugu ondoren, eta horretarako bi adierazle gertutik jarraitu behar dira: hitz eman diren epeak eta neurri hori betetzeko ardura nork duen (herriko etxeak, foru aldundiak...). Telebistaren adibidea da beste bat. Neurri bat izan daiteke eskatzea telebista kateen artean bat hizkuntza gutxiagotuan aritzeko gorde behar dela. Neurri hori betetzen den ala ez jakitea erraza da, edo badago korsikerazko katea edo ez dago. Beste kontu bat litzateke ordea, kate oso bat eskatzeaz gain, gainerako kateetan korsikera entzun dadin hizkuntza irizpideak jartzea, esate baterako korsikera hiztunei hizkuntza horretan egiten uztea nahiz eta katea frantsesez izan. Norena da hizkuntza gutxiagotua telebista kateetan egotearen ardura? Zein epetan eta zein portzentajetan agertu behar du korsikerak? Galdera horiek erantzun beharko dira. Besapean kaiera hartuta Kaiera da beste hitz giltzarria. Hizkuntza komunitate bakoitzak eta gizarte eragile bakoitzak, bere kaiera izango du. Protokoloak ez du denentzat berdin balio. 150-180 neurri inguru izango dira guztientzat. Alabaina, bederatzi milioi pertsonek hitz egiten dute katalana eta hizkuntza ofiziala da hiztun askoren bizitokian. Ezin katalanaren pare jarri okzitaniera (580.000 hiztun), frisiera (400.000 hiztun) edo aragoiera (12.000 hiztun). Litekeena da katalanek protokoloak proposatzen dituen neurrien %90 beteta izatea, eta oso litekeena beste hainbat hizkuntzatan %90 betetzeko egotea. Horregatik kaiera. Hizkuntza komunitate edo eragile bakoitzak bere buruari galdetu beharko dio, “guk zein eskubide dugu urratua, nolako neurriak hartu nahi ditugu, zein epe jarriko ditugu, nori eskatuko dizkiogu kontuak?”. Donostiako euskalgintzak adibidez bere kaiera izan dezake: Donostiako Udalak zer egin beharko luke protokoloa betetzeko? Hau, hori eta hura egin ditzake Udalak. Gizarte eragileen lana litzateke eskumenak zehaztu eta neurriak eta epeak jarraitzea. 200etik gora herri mugimendu Euskal Herrian 100etik gora eragile ibili dira protokoloaren bueltan. Horietako askok sektorekako lanketetan hartu dute parte, hau da, hezkuntza, administrazioa, sozioekonomia, kultura/hedabideak eta izen bereziak (toponimia eta antroponimia) ataletan. Euskal Herritik kanpo 80tik gora eragilek hartu dute parte. Ondoko hizkuntza komunitateetakoak aritu dira lanean: Irlandako gaelikoa, Eskoziako gaelikoa, galesera, kornubiera, galiziera, katalana, asturiera, okzitaniera, bretoiera, korsikera, friulera, sardiniera, frisiera, ipar frisiera, samiera eta ninorsk. Beste hauek ez dute neurririk proposatu baina protokoloari atxikimendua emateko prest daude: voro hizkuntza, udmurtera, erzyera, kaxubiera, aragoiera, tatar hizkuntza Estonian, Krimeako tatar hizkuntza, aromaniera, Transilvaniako hungariera; daniera (Alemanian) eta alemana (Danimarkan). Atxikimendu bila Urriaren 25ean talde antolatzailea bilduko da eta protokoloaren testua itxitzat emango du. Neurriak zehaztuta, eragile sozialei protokoloari atxikimendua adierazteko eskatuko zaie. Abenduko ekitaldia bitartean ez du denborarik emango Europako eragile guztiengana heltzeko, baina erronka, gutxienez hizkuntza komunitate gutxiagotu guztiak ordezkatuta egotea da. Abenduaren 15, 16 eta 17ko ekitaldiek prozesuaren bukaera tankera hartuko dute. Lehen bi egunetan Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa egingo da Donostian eta adituak eta alor horietan lanean dabiltzanak elkartuko dira. 17an, Donostia 2016k eta Kontseiluak protokoloa aurkeztuko dute. Hiru eguneko jardunak amaiera itxura baino ez du hartuko, izan ere protokoloaren egitasmoak jarraipena izango du. Nolabaiteko egitura osatzea aurreikusi dute protokoloari bizindarra emateko. Hemendik aurrera, Europako herri mugimenduek atxikimendua eman dezaten lanean segituko dute, eta Europako mugak gaindituta, nazioarteko oihartzuna lortzen ere saiatuko dira. Protokoloa helaraziko zaie nazioarteko erakunde garrantzitsuenei, besteak beste, Europako Kontseiluari, Nazio Batuen Erakundeari eta Europako Segurtasun eta Lankidetzako Erakundeari. Erakundeekin eta ospeko pertsonekin egon nahi dute, protokoloa erakutsi eta haien babesa lortzeko. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren iritziz, “erakundeekin baino errazagoa izango dela uste dut pertsonekin, eta garrantzitsua da aita eta ama pontekoak edukitzea”. Berrespenak lortzeko ahalegina egingo dute batzuek, eta gizarte eragileek berriz, kaiera estreinatzeko ordua izango dute. Bakoitzak bere etxeko lanak prestatzeko aukera izango du. Zoritxarrez ez dute aspertzeko betarik izango. “Hizkuntza hegemonikoetako eragileren batek protokoloarekin bat egitea nahiko genuke”. Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia Zer da protokolo bat? Kontatuko dizut han eta hemen aurkezpenak egin ditudanean zer ariketa egiten nuen gizarte eragileekin. Entzuleei esaten nien, “protokolo hitza esaten dudanean zein hiri datorkizue burura?”. Eta normalen jendeak esaten zuen: “Kyoto!”. Eta gero galdetzen nien, “eta ‘Kyotoko protokoloa’ hitzak esaten ditudanean zer gai datorkizue burura?”, eta orduan esaten zuten: “Ingurumena”. Hurrengo urratsa: “eta nik esaten badut Kyotoko-protokoloa-ingurumena, hor barruan zer dago?”. Eta jendeak esaten zuen gobernuek konpromisoak hartu eta bete egin behar zituztela. Modu juridikoagoan bestela litzateke, baina orokorrean esanda protokoloak zer dira bada? Nazioartean onartzen den hitzarmen bat nola bete zehazten du protokoloak. Guk 1996ko Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Aldeko Deklarazio Unibertsala hartu dugu, eta horren protokoloa egin dugu. Deklarazio horrek hainbat eskubide aitortzen du, eta guk, hori betetzeko zein neurri hartu beharko liratekeen proposatuko dugu. Zu Europan ibili zara protokoloan parte hartu duten gizarte eragileekin. Nola bizi izan dute prozesua? Hasieran errespetu handiz hartzen zuten proposamena. Joan aurretik txostena bidaltzen nien eta hara joaten nintzenean esaten zidaten: “Irakurri dugu txostena eta ez dakigu ekarpenak nola egin”. Baina ariketatxoren bat egin eta “a, hori da? hori egiten badakigu!”. 400 ekarpenetik gora jaso ditugu. Gizarte eragileek proposatutako neurri asko oso antzekoak direla esan izan duzu. Toki desberdinetatik datoz, baina oso antzekoak dira. Hedabideena adibidez, oso argia da. Lizentziak aipatu dizkigute, baita telebista kateetako irizpideak ere, adibidez, hizkuntza gutxiagotuko hiztunak hizkuntza hegemonikoan emititzen duen katean bere hizkuntzan egiteko aukera izatea. Diru-laguntza publikoak jasotzen dituzten hedabideei hizkuntza kuotak jartzea ere eragile batek baino gehiagok aipatu digu. Protokoloak balio berezia al du hizkuntza komunitate oso txikientzat? Kornubierako ordezkariekin gogoratzen naiz, gurea baino askoz makurrago dago kornubiera. Haientzat protokoloa apustu handia da. Aldarrikapenen bat egin behar duten aldiro “ez gara gu bakarrik, milioika hiztun daude eskaera honen atzean” esan ahal izateari balio handia ematen diote. Oso gutxi dira, oso laguntza gutxi daukate eta duela gutxi Erresuma Batuak diru-laguntzak eten dizkiete gau eskoletarako. Hizkuntza hegemonikoetako ordezkariek emango al diote atxikimendua protokoloari? Zoritxarrez denak izango dira hizkuntza komunitate gutxiagotuetakoak. Nahiko genuke hizkuntza hegemonikoetako gizarte eragileren batek bat egitea, esanez “hau da bidea hizkuntza eskubideak bermatzeko, bizikidetza lortzeko”. Atxikimendu horiek lortzen saiatuko al zarete? Bai, baina gure errealitate hurbilean zaila ikusten dugu, Espainiako eta Frantziako Estatuetan alegia. “Protokoloa ez da erakunde publikoen eskutik egin, behetik egin da”. Marcos Maceira, A mesa pola normalización lingüística. Marcos Maceira A mesa pola normalización lingüística plataformako presidentea da. Plataforma 1986an sortu zen eta gizarte eremu guztietako 4.000 bazkide ditu. Helburua galizieraren normalizazioa lortzea da. Kontseiluarekin zuzeneko harremana izan zuten protokolorako neurriak lantzeko. Zer iruditu zaizue Donostia 2016ren gonbidapena? 2000. urtean Santiago izan zen Europako Kultur Hiriburua eta apenas hizkuntza aipatu zen. Donostiak gai horri buruz utziko duen legatua garrantzitsua izango da. Gizarte erakundeek ekarpenak egitea zeharo beharrezkoa da eta Kontseiluak eta Donostia 2016k aukera hori ematen digute. Protokoloa ez dute estatuek egin, gizarte mugimenduek baizik. Guk ez daukagu batere babes publikorik. Are gehiago, Galiziako Gobernua oldarkorra da gurekin eta galegoaren alde ari diren beste eragileekin. Guretzako Donostiakoan parte hartzea onespen bat da, guretzako eta Europan hizkuntzaren alde ari diren beste mugimendu guztientzako. Aspalditik ari gara salatzen Hizkuntza Eskubideen Karta Unibertsala ez dela betetzen, eta protokoloa horren guztiaren abiapuntua da. Protokolo hau desberdina da, ez da eremu zientifikora soilik murriztu eta ez da erakunde publikoen eskutik egin, behetik egin da. Galizian gizarte mugimendu garrantzitsua dago, era guztietakoa, protokoloa bete dadin nahi duena. Abenduan Donostiako ekitaldian izango al zarete? Bai. Zeharo babesgabe gaude, gure gobernuak ez ditu konplitzen bere betebeharrak. Horrelako protokolo bat nahi dugu, eta behar dugu, Berlingoak alemanez bizi diren bezala gu gure hizkuntzan bizi gaitezen. “Erakundeei interpelazio zuzena egiteko balio behar du”. Leire Txakartegi, ELAko euskara arduraduna. Gustura egindako lanarekin? Parte hartzeko metodologia egokia iruditu zaigu. Kontseilua propio bildu zen gurekin eta ELA barruan, euskara batzordean, gaia lantzeko aukera izan dugu. Eragile bakoitzarekin lanketa berezia egitea asko eskertu dugu. ELAk nolako ekarpenak egin ditu? Oso zehatzak egiten saiatu gara, beti ere lan munduan langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Esparru publikoan, administrazioan, osasungintzan adibidez nahiko ekarpen zehatzak egin ditugu eta esparru pribatuan kanpo eta barne erabileraz, kontratazioez egin ditugu ekarpenak. Adibidez, garrantzia eman diogu negoziazio kolektiboa euskararen normalizazioan lan tresna bezala aldarrikatzea. Ekarpen batzuk aipatuko mesedez? Enpresan terminologia normaltasunez erabiltzeko hiztegi propioa sortzea; langileek hizkuntza gutxituan lan egiteko behar duten ezagutza lortzeko baliabideak eskatzea; langileek dokumentazioa ele bitan jaso eta betetzeko aukera izatea; errotulazioa euskaraz egotea, euskara batzordea osatzea. Administrazioan: hizkuntza eskakizunak kontratazioetan; hizkuntza eskakizunak betetzeko epeak eta irizpideak zehaztea; Osakidetzan, garapen profesionalean hizkuntza gutxituen ezagutza eta erabilera baloratzea. Zertarako balio du protokoloak? Eragile sozialen ekarpenetan oinarritzen da eta neurri zehatzak izango dira. Horrek erakundeei interpelazio zuzena egiteko balio behar du, beste era bateko hizkuntza politika eskatzeko. Beste gauza askotan bezala, guk uste dugu eragile sozialok akuilu lana egin behar dugula. Interpelaziorako tresna izan behar da. Blokeoaren arrazoiak URKO APAOLAZA AVILA 2016ko azaroaren 06a Confebaskek, CCOOk eta UGTk Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eragin mugatuko hitzarmenak sinatzeko egindako akordioak tentsioa areagotu du sindikalgintzan. Espainiako erreformek estatu mailako hitzarmenei atea ireki, lan-baldintzak kaskartu eta negoziazio kolektiboa blokeatu dute. Egoera hori gainditzeko akordioa omen. Baina desblokeatu al daiteke ezer ELAk eta LABek EAEn osatzen duten gehiengo sindikala bazterrean utzita? Prekarietateari beste mamu bat gehitu zaio beraz lan harremanen esparruan: defizit demokratikoarena. Irailaren 20an, EAEko bozak baino bost egun lehenago, manifestazioa egin zuten ELA eta LABeko milaka delegatuk Gasteizen. Negoziazio kolektiboan hauteskunde sindikalen emaitzak ez direla errespetatuko salatu zuten (argazkia: ELA). Ezohiko irudi batek alarma piztu zuen joan den uztailaren 14an hedabideetako edizio digitaletan. ELAk eta LABek agerraldi bateratua iragarri zuten goiz partean. Egun horretan Berria egunkariak lan harremanei zegokien albiste-bonba plazaratu zuen filtrazio bati esker: enpresari handien interesak biltzen dituen Confebask patronalak, esku artean zuen bi sindikatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan osatzen duten gehiengoa saihesteko “formula”. Horren arabera, akordio orokorrik ezean, gutxiengo sindikalarekin adostuko zituen “eragin mugatuko” hitzarmenak, eta –hemen berritasuna– Jaurlaritzak onetsi egingo lituzke. Confebaskek ukatu egin zuen agiria berea zenik; Enplegu sailak, bere aldetik, “bitartekari” lanak baino ez dituela betetzen adierazi zuen. Baina ELAk eta LABek eginiko agerraldian dokumentu bat erakutsi zuten, Eusko Jaurlaritzak “Elkarrizketa Sozialerako Mahaira” eramandako akordio-zirriborroa ei zena. Dokumentu horrek ere eragin mugatuko hitzarmenak bultzatzeko estrategia proposatzen zuen: “Jaurlaritzak konpromiso horrekin bat egin eta era aktiboan kolaboratuko du bere hedapen eta ezagutza orokorrean –zioen testuak–, akordioak bildu eta argitaratuz, Langileen Estatutuaren Legeak eskatzen duen ordezkaritza mailara iristen ez direnean”. Hauteskunde bidez lorturiko ordezkaritza sindikalaren kontrako eraso larritzat jo zuten ELAk eta LABek ustezko asmo hori, eta Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren dimisioa eskatu zuten berehalakoan. Ez zebiltzan oker filtrazioari emaniko garrantzian: handik hamar egunera sinatu zuten akordioa UGT, CCOO, Confebask eta Jaurlaritzak. Prekaritatearen kontra LABek deitutako “Bideak Batuz” mobilizazioa Bilbon (argazkia: LAB) Negoziazio kolektiboan kosta ahala kosta hitzarmena lortzeko xedea EAEko patronalak ELA eta LABen kontra darabilen estrategiaren barruan kokatu zuten bi sindikatuok: “Eraso soka luze baten azkena da”, zioen LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek. Lehenago ere Confebaskek demokraziaren marra gorriak igarotzen dituen ideia eta asmoak ibili izan ditu buruan oposizioa paretik kentzeko. 2014an EAEko patronalak agiri bat bidali zion Espainiako Estatuko CEOE enpresarien elkarteari, eskatuz sar zezala Lan ministerioaren aurrean helegite harrigarri bat: sindikatuak gordailutik “baja” ematea euren estatutuetan zehaztutako zereginera ez baziren mugatzen. Confebasken ustez ELA eta LAB “ez dagokien izaera” hartzen hasiak daude eta “boikot” dinamika daramate. Patronalarekiko kritiko diren erakunde sindikalak de facto ilegalizatzea zekarren ideia horrek, eta kalapita handia sortu zuen. Confebaskek orduan ere esan zuen ez zuela zerikusirik –gerora CEOEren helegitean jatorri hori nabarmen ikusi zen arren– eta Eusko Jaurlaritzaren beraren iritziz “astakeria” zen. Edonola ere, aferak erakutsi zuen zein puntutan dauden blokeen arteko erlazioak eta noraino iristeko prest egon daitezkeen botere ekonomikoari loturiko ezkutuko eragile batzuk. Baina nola iritsi da sindikatuen eta enpresa-buruen arteko gatazka horraino? 2007an krisia lehertu zenean, finantza-banku erregulatzaileek langileen eskubideak murrizteko baliatu zuten abagunea, Europan zein Euskal Herrian. Hala, Espainiako gobernuek urteotan egindako lan erreformek erabateko desoreka ekarri dute negoziazio kolektiboan; ELAko idazkari nagusi Adolfo Txiki Muñozek astekari honi gordin azaldu dio erreformen ondorioa: “Patronalak ere ez zuen espero hainbeste botere emango ziotenik”. Espainiako lan erreformak: patronalak joko-arauak poltsikoan 2011ko ekainean José Luis Rodríguez Zapateroren gobernu sozialistak negoziazio kolektiboa erreformatzeko lege proiektua onartu zuen. Besteak beste ahalmen gehiago eman zion enpresa bakoitzari aurretik adostutako hitzarmenak aldatzeko, sektore-hitzarmenen kalterako. Baina horretaz gain, hemengo lan harremanen esparrua bete betean jo zuen, estatu mailako hitzarmenak probintziakoei lehenetsiz eta aukera emanez Madrilgo sindikatuei (CCOO eta UGT) eta patronalari (CEOE) erkidegoetan adostutakoa galarazi edo mugatzeko. Hitz bakarrean esanda: estatalizazioa. Eraikuntzaren sektoreko CNC enpresen konfederazio nazionala izan zen lehena mauka profitatzen. 2012ko urtarrilean UGT eta CCOOrekin estatu hitzarmena sinatu zuen, beretzat gordez soldatak, mugikortasuna, lan-orduak eta beste hainbat gai garrantzitsu, eta edukiz hustuz euskal langileentzat askoz hobeak ziren lurraldeetako itunak; “lan baldintzen homogeneizazioa” zuten helburu. Geroztik halako beste asko etorri dira. 2011ko abenduko hauteskundeen ondoren Rajoyk ia hatz bakarrarekin ezarritako lan erreforma basatiari azken hamarkadetako greba orokor indartsuenarekin erantzun zioten langileek Euskal Herrian. Baina hala ere enpresa-buruek hainbeste desio zuten ultraaktibitatearen amaiera ekarri zuen: lehen, hitzarmen berria sinatu ezean, zaharrak jarraitzen zuen indarrean, iraungita egonik ere; orain, automatikoki estatu mailako hitzarmena edo, halakorik izan ezean, Langileen Estatutua aplikatzen zaie beharginei. Panorama ilun horretan, sindikatu abertzaleak negoziaziorako tresnarik gabe geratu dira joko-arauak poltsikoan dituen Goliat gorbatadunaren aurrean. Erremediorik gabe ekintza sindikala dute orain habaila, eta kalea konfrontaziorako harri. Estrategia diferentea dute ordea. ELAk, sektore hitzarmenen ahulezia ikusita enpresetan jarri du indarra. LABek, bere aldetik, hitzarmen orokorrak blindatzeko saiakerak egin ditu hainbat forotan, arrakasta askorik gabe baina: “Patronalak hitzarmen merkeak nahi ditu, eta hori askoz errazago lortzen du Madrilen”, dio LABeko negoziazio kolektiborako arduradun Garbiñe Aranburuk. Hitzarmen autonomiko edo sektorialen aldeko ekimenekin segiko dutela ziurtatu du, hala ere, LABeko kideak. Blokeoa datutan ere zenbatu daiteke. Lan Harremanen Kontseiluaren azken buletin soziolaboralean ikus daitekeenez abuztuan langileen ia erdiak (%46,2) oraindik berritzeko zuen hitzarmena, 253.993 lagunek hain zuzen; beste 110.167 hitzarmenik gabe zeuden (%20) eta soilik heren batek (%33,8) zuen eguneraturik bere lan baldintzak arautzen dituen testua, hau da, 185.472 langilek. Ez ohiko irudia: Ainhoa Etxaide (LAB) eta Adolfo Muñozen (ELA) agerraldi bateratua, lan hitzarmenetan gehiengo sindikala baztertzeko asmoa zegoela jakin eta gero (argazkia: Argazki Press) Ultraaktibitatearen amaierak zerikusi zuzena du estatistika horiekin. 2013ko uztailaren 7an 300.000 behargin geratu ziren hitzarmenik gabe, patronalak enpresa-buruei eskatu zielako uztailaren 8ra arte ez negoziatzeko, egun horretan indarrean sartu zen Rajoyren erreformak zekarzkien abantailak poltsikoan izateko. Jokaldi horrekin soldata jaitsierak eta baldintza prekarioagoak inposatu ahal izango zituzten. Lan gatazkak epaitegietara eramatea ekarri du horrek guztiak, hitzarmen askok ultraaktibitatea blindatzeko klausula espezifikoak dituztelako. Auzitegi Gorenaren epaiek lan erreforma nokeatu dute, baina enpresariek hari helduta segitzen dute negoziazio ororen kartak markatzeko. Elkarrizketa Sozialerako Mahaian eseri? 2014ko abenduan, Eusko Jaurlaritzak “Elkarrizketa Sozialerako Mahaia” jarri zuen martxan, “konfrontazio hutsak etsaia identifikatzeko baino ez du balio”, azaldu zuen Enplegu eta Gizarte Gaietarako orduko sailburu Juan Mari Aburtok. Baina mahaia herren jaio zen, LABek eta ELAk uko egin diotelako beraiek “ilegalizatzeko azpilanean” ibilitako patronalarekin esertzeari; murrizketak “legitimatzeko” baizik ez du balio izango haien iritziz. CCOOk eta UGTk, ordea, foro horretan parte hartzeko arrazoiak ikusi dituzte hasieratik “enplegua sortu eta pertsonen ongizatea hobetzea helburu” izaki. Bi urteko ibilbide gorabeheratsuan Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak apenas egin du urratsik lan harremanen arloan –CCOO sindikatua bera ere behin baino gehiagotan altxa da mahaitik, Eusko Jaurlaritzak ez dituelako martxan jarri han adostutako neurriak–. Gehiengo sindikal abertzaleak salatu du CCOO eta UGTren hipokrisia, Euskal Herrian mahai horretan hitzarmen sektoriala defendatzen duten bitartean, Zapateroren erreforma baliatzen ari direlako estatalizazioaren bidez negoziazioa Madrilera eraman, monopolizatu, eta baldintza kaskarragoak dituzten itun orokorrak presaka ezartzeko. Unai Sordo sindikatuaren idazkari nagusiaren ustez, baina, negoziazio kolektiboaren korapiloa ez dago estatuko legeek eta hitzarmenek esaten dutenagatik harrapatuta, baizik eta ELAk –eta neurri batean LABek– hitzarmen kolektiborik ez izateko estrategia “kaltegarria” darabilelako, konfrontazioa enpresaz enpresa eramateko. Egoera horri irteera emateko sinatu dute, diotenez, eragin mugatuko hitzarmenen akordioa uztailean. CCOOk eta UGTk Jaurlaritzarekin eta Confebaskekin negoziazio kolektiboaz egin akordio hori estatalizazioa gerarazteko dela ematen du aditzera onartutako testuak, “lurraldeko sektore hitzarmenaren aldeko apustua” egiten baitu. Besterik da zer nolako berme eta baldintza eskaintzen duten. Defendatu al daiteke euskal lan harremanen esparrua, erabakimena Madrilen baldin badago? Eragin mugatuko hitzarmenen akordioak “ez du ezer blindatzen” Enpresa edo sektore batean aplikazio orokorreko itunik ez balego –eta ikusi dugu asko eta asko egoera horretan daudela momentu honetan–, gutxiengoan dauden sindikatuek patronalarekin lan baldintzak adostu ditzakete, eta langileek hitzarmen horretara gehitzeko aukera izango dute. Hori dira “eragin mugatuko hitzarmenak”. Eusko Jaurlaritzak erregistratu eta argitaratu egingo ditu, izaera ofiziala emanez. “Zidor antidemokratikoa”, “iruzurra”, “aurrekari gabekoa”… LAB eta ELA sindikatuek hitz oso gogorrak erabili dituzte ituna sinatu denetik hura kalifikatzeko. Euren esanetan, langileek botoen bidez aukeratutakoari muzin egiten dio eta gutxiengo baten nahia inposatzen dio gehiengoari. Irailaren 20an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaren erdian Gasteizen manifestazioa egin zuten “euskal langileek modu erabat zilegizkoan” hautatutako ELA eta LABen milaka delegatuk. Amaieran, Muñozek konparaketa ukigarri batekin azaldu zion Iñigo Urkullu lehendakariari nola sentitzen diren: “Baten batek esaten badu zure alderdiaren 27 eserlekuak parlamentuan hutsaren hurrengo direla, ondo irudituko litzaizuke? Ba, hori bera egin nahi dute gurekin”. Ángel Toña sailburuaren aburuz, aldiz, “maltzurkeria” da akordioa antidemokratikotzat jotzea, langileak indibidualki batzea eskatzen baitu eta ez dio eragiten sinatzen ez duenari. “Demokrazia parte-hartzea da –dio Toñak– baina baita konpromisoa ere, eta akordioak lortzeko beharrezkoa da irtenbideak aurki daitezkeen foroetara jotzea”. Bere esanetan, hitzarmenik eta erreferentziarik gabe geratu diren 380.000 langileei alternatiba eskaini nahi diete. Raúl Arza euskal erkidegoko UGTko idazkari nagusia ere iritzi berekoa da, hots, langile horien guztien lan baldintzak “eguneratu” ahal izango direla. Zaila dute ordea gehiengo sindikalak apo hori irenstea: “Akordioak ez du ezer blindatzen –diote ELAk eta LABek elkarrekin egindako balorazio dokumentu zabalean–, Confebaskek ez du bertoko negoziazio kolektiboko markoa blindatuko duen egiturazko inolako akordiorik behar”. Euren esanetan, estatalizazioak segitzen du patronalari aukera ematen milaka langileri “xantaia” egiteko. Uztailaren 22an sinatu zuten Lakuan eragin mugatuko hitzarmenak egiteko akordioa. Irudian ezker-eskuin: Roberto Larrañaga Confebask enpresarien elkarteko presidentea; Arantza Tapia, Ángel Toña eta Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Enplegu eta Hezkuntza sailburuak; eta Unai Sordo eta Raúl Arza, CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiak (Argazkia: Argazki Press) Ekaitza eta beste lan erreforma bat zerumugan Eta epe ertainean zer? Ezin esan konponbidea gertu dagoenik, ekaitz hodei trinkoak ikusten dira urrunean. Jadanik hasi dira eragin mugatuko hitzarmenak ezartzen. Araban metalgintzan akordioa sinatu dute duela gutxi SEA enpresaburuen elkarteak, CCOOk eta UGTk; eta Eusko Jaurlaritzak lurralde horretako aldizkari orokorrean argitaratu du, nahiz eta sindikatu horien pisua %30 ere ez den metalaren arloan. Euskal sindikatuek, bestalde, euren eskura dituzten tresna guztiak erabiliko dituzte estatalizazioari mugak jartzeko. ELAk Europara jotzeko asmoa ere azaldu du estatu mailako ostalaritza ituna dela-eta. Madrilen sinatutako itun horren klausula batek galarazten du sektoreari dagozkionak beste inon negoziatzea kontrol batzorde baten baimenik gabe, eta ondorioz langileek euren soldataren %50 galdu dute, urteko lanaldia 50 orduz luzatu dieten bitartean. ELAk Estrasburgora eramango du kasua, sindikatu bati bere eremuan negoziatzeko ahalmena ukatzea nazioarteko legearen kontra doala uste baitu. Baina lainorik potoloena beste bat da eta atzean dator. Sindikatuek behin baino gehiagotan adierazi dute kapitalaren botere faktikoak beste lan erreforma bat ari direla prestatzen langileak are gehiago estutzeko. Zantzuak hor daude. Esaterako, Garbiñe Biurrun epailearen ustez, Europako Justizia Auzitegiak behin behineko langileen kaleratze merkeak debekatuz emandako epaia “aitzakia” bezala erabiliko dute, lan kontratuen inguruko legea aldatzeko. Eta batez ere, Troika eskean ari da berriz. Bruselak azaldu berri du Espainiak 5.500 milioi euro murriztu behar dituela defizit muga betetzeko. Eta ez du ematen, preseski, diru hori aterako denik joko-arauak egiten dituztenen poltsikotik. Euskal Herriko azken eskandalu polizialaren aurrean, 20.000 pertsonak Altsasuko zazpi gazteak askatzeko eskatu dute LANDER ARBELAITZ 2016ko abenduaren 01a “Justizia nahi dugu, atxilotuak askatu” izan da 20.000 lagunen aldarria Altsasun. Txalo hotsek soilik hautsi dute isiltasun ozena. Bi astetik gora egin dituzte urriaren 15eko borrokaren harira atxilotutako zazpi gazteek Madrilgo Soto del Real eta Alcalá de Henares espetxeetan, Sakanatik 400 kilometrotara. Hamar eta hamabost urte arteko kartzelarekin zigor daitezkeen delituak egozten dizkiete. Gertaerei testuingurua ematen saiatuko gara datozen lerroetan. (Photo: Ekinklik.org) Urriaren 15ean, herriko feria eguneko goizaldeko 5:00etan herriko taberna batean kalez jantzitako bi guardia zibilen, beren bikoteen eta altsasuar talde baten arteko borrokaren ondorioz, agenteetako batek txorkatila lesionatuta amaitu du alde batean, eta ondorengo zazpi gazteak espetxeratuta daude beste aldean: Iñaki Abad, Oihan Arranz, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Jokin Unamuno, Aratz Urruzola eta Adur Ramirez. Hamar eta hamabost urte arteko kartzela zigorraren arriskua du bakoitzak. Zer gertatu zen? Bertsioak kontrajarriak dira. Urriaren 15etik bertatik, Espainiako hedabide handi gehienek guardia zibilen eta beren bikotekideen aurka 50 bat lagunen “erasoaz”, “enboskadaz” edo “lintxamentuaz” mintzatu dira. Altsasuarrek hurrengo eguneko prentsaurrekoan adierazi zuten ez zela horrelakorik izan eta “agenteek taberna batean probokatutako” liskarra izan zela. Guardia zibiletako baten bikoteak gau horretan bertan zioen “erasotzaileak” sei lagun zirela, Nafarroako Foruzaingoari egindako testigantzan. Gau horretan ere, bi lagun atxilotu zituzten Altsasun eta Foruzaingoak kargatu ere egin zuen atxilotuen askatasuna eskatzeko koartelaren aurrean bildu ziren herritarren aurka. Albisteak berehala harrotu zituen hautsak eta hurrengo egunean Espainiako presidente Mariano Rajoyk ere adierazpenak egin zituen guardia zibilei “babes osoa” eskaintzeko. “Ez da inpunitaterik izango”, esan zuen. Alderdi politikoen artean, Sortu izan da lehen unetik atxilotuak babestu dituen alderdi bakarra. Nafarroako Gobernuak lehen unetik erasoa gaitzesteaz gain, guardia zibilei babesa adierazteko urriaren 18ko kontzentraziora kide bat bidali zuen. Gerora, Geroa Baik eta Nafarroako Podemosek atxiloketak gaitzetsi dituzte, nahiz eta azken alderdi horren Madrilgo egituretatik kontrako norabidean hitz egin izan duten, Guardia Zibilaren bertsio ofiziala bere eginez. Lehen asteburu horretan manifestazioan 2.000 lagunetik gora bildu ziren “muntaia polizialik ez, utzi pakean Altsasu” lemapean. Espainiako hedabide gehienek ordea, Covite ETAren biktimen elkarteko lau lagunek Guardia Zibilaren aldeko mezuak nola zabaldu zituzten bilakatu zuten albiste. Hamar eta hamabost urte arteko kartzela zigorrak? Elur bola handitzen joan da eta “terrorismoagatik” epaituko dituzte. Nagusiki, Covitek, Auzitegi Nazionalak, hedabide espainiar nagusi gehienek eta alderdi unionistek defendatzen dute “terrorismo” delitua egoztea gazte hauei. Guardia Zibilak berak hasiera batean bere txostenean jaso zuen ez zuela “terrorismo ekintza” gisa ikusten, izatekotan “gorroto delitua” ikusten zuen polizia erakunde espainarrak. Nafarroako Foruzaingoak ere ez zela ekintza terrorista izan zioen. Guardia Zibila terrorismoa egoztea defendatzera ondoren igaro da. Azkenik, Iruñeko Auzitegian ikertu beharrean, Auzitegi Nazionalaren esku utzi dute, tesi horren gainean iker dezan. Altsasuko bertsio ofiziala zalantzan jarri zuten herritarrak jopuntuan jarri zituen Auzitegi Nazionalak. Gauean bertan izandako bi atxiloketak salatu eta hedabideak zabaltzen ari ziren bertsio ofizialaren aurrean beren iritzia eman zuten herritarrak identifikatzeko eskatu zuen epaileak, baita Altsasuko gaztetxearen Twitter kontua kudeatzen zutenak ere. Orotara hamabi gazte ikertzeko eskatu zion Poliziari eta azkenik zazpi lagunek amaitu dute auzipetuta. Borroka izan zen tabernaren kanpoaldean falangearen mehatxu pintaketak agertu ziren manifestazioaren osteko astelehen goizean, azaroak 7. Egun berean, kalez jantzitako poliziak herrian zebiltzala salatu zuten. Azaroaren 8an “presio-egoera jasanezina eta latza” salatu zuten, herritar batzuek kalez jantzitako poliziekin talka izan ostean. Kontestu berean, azaroaren 8an, Nafarroako Parlamentuan hainbat biktimak hartu zuten hitza. Tartean Oihan Unai Ataunek bere esperientzia kontatu zuen. Guardia zibilek torturatu zutela eta epaileek ez zutela ikertu salatu zuen. Azkenean, Estrasburgok Espainiako Estatua zigortu zuen. Atxiloketak astelehen goizaldean Poliziaren zerrendan agertu ziren hainbat gazte Iruñeko Auzitegian aurkeztu ziren beren kabuz. Hala ere, han ez zituzten hartu. Azaroaren 14an, zortzi gazte atxilotu zituzten, asko eskolara edo lanera bidean zirela. Madrilera eraman zituzten eta gauerako, sei prebentiboki espetxeratzeko agindu zuen Carmen Lamela epaileak “ihes egiteko arrisku nabarmena” aipatuz. Herrian “beldur giroa sortzea” egotzi die. Asteazken arratsaldean zazpigarren bat atxilotu zuten: Adur Ramirez, eta beste bat libre utzi zuten. berezia eragin du Iñaki Abad giltzapean sartzeko motiboak: tabernan guardia zibilei eta hauen bikotekideei “begirada despektibo eta zuzenak egin izana”. Orain arte Espainiako Estatuan inor sekula ez dela horrelako arrazoi batengatik espetxeratua izan nabarmendu dute batzuek. Atxiloketak justifikatzeko epaileak erabili duen beste argudioetako bat ondorengoa da: Prentsaurrekoan “Alde hemendik!” zioten pankartetan “ETAren ohiko logoa, bi puntako gezi okertsua” erabili izana. Bi puntako gezia Alde Hemendik kanpainako logoetako bat da, ETAz harago, Euskal Herrian aldarrikapen hori egin nahi izan duen edozein kolektibok erabili du. Iñaki Egaña historialariak mahai gainean jarri duenez, Euskadiko Ezkerra koalizioa osatu zuen EIA izan zen “Que Se Vayan” leloa lehen aldiz erabili zuena. Oraingoz atxilotutako bederatzi lagunak mugimendu sozialekin konprometitutako gazte aktiboak direla irakurtzeko aukera izan dugu. Ez dira talde antolatu biolento bateko kideak, Auzitegi Nazionalak halakorik iradokitzen duen arren. Garak Altsasuko iturriak aipatuz mahai gainean jarri duenez, talde heterogeneoa osatzen dute. Komunean dute gaztetxean sarri ibiltzea eta herri mugimenduetako ekimenak antolatzen aritzea edo horietan parte hartzea. Desmilitarizazio aldarria jopuntuan Carmen Lamela epaileak hasieratik baliatu du tabernako gertaera Ospa mugimenduko kideak atxilotzeko. Espainiako indar polizialek Euskal Herria utz dezatela eskatzeko ekimenak Euskal Herriko hainbat herritan ere egiten dira Alde Hemendik, Fan Hemendik eta antzeko izenekin. Oñatin azken urteetan egin diren ekimenek sona handia lortu dute, adibidez, kuartela inguratuz 2015ean egindako giza kate jendetsuak. Sakanan baina, aldarrikapen honen aldeko borrokan nabarmendu egin izan dira Borroka Garaia Da gunean gogoratu dutenez. 2001ean, adibidez, Sakanako 15 herritan herri kontsulta antolatu zuten “Guardia Zibilaren presentziaren egokitasunaz”, nahiz eta azkenean Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak bertan behera utzi eta ez zuten egin. Norabide horretan, “Ospa Eguna” izan da azken bost urteetan aldarrikapena zabaltzeko egun nagusia. Jai giroan egun osoko festa antolatzen dute herrian. Azken urteetan polemika eta tentsioa izan dira, 2014an herriko plazan ehunka lagunek guardia zibilen sinbolo den trikornio erraldoia erre zutelako. Hurrengo urtean, 2015ean herriko plazan sartu eta Guardia Zibilari eta Espainiako militarrei erreferentzia egiten zieten hainbat karroza kendu zizkien Guardia Zibilak bortxaz. Azken atxiloketen harira, Ospa mugimenduaren aurkako artikulu ugari idatzi dituzte Espainiako hedabide atzerakoienetan. “Dena ikusia nuela uste nuen” Amaia Izko abokatuak hitz hauekin definitu du gertatzen ari dena: “Auzitegi Nazionalean dena ikusia nuela uste nuen, baina astakeria juridiko hau ikusteko neukan. Epaiketak ez du inongo funtsik”. Nafarroako Gobernuko Barne Sailburu María José Beaumontek atxiloketen aurka hitz egin du. “Ez zen beharrezkoa atxiloketa hauek egitea, eta are gutxiago goizaldean”. Gobernuko presidente Uxue Barkosek atxiloketak ez zirela beharrezkoak berretsi du. Nafarroako Ahal Dugu-ren iritziz, “larria” da gertakariak “terrorismotzat” jotzea eta EH Bilduk espetxeratuak askatzeko eskatu du. UPNko heledun Javier Esparzak Guardia Zibilaren lana goretsi eta “eraso koldarra” gaitzetsi du. Atxiloketak atsekabe eta haserre handia eragiten ari dira Altsasun eta Euskal Herriko sektore zabal batean. 7.600 biztanleko herria kriminalizatzen ari direla sentitu dute altsasuar askok. Ezker abertzaleko kideetatik hasita, Nafarroako Ahal Dugu eta EAJren ingurko ordezkari ugari mintzatu dira haserre. Alderdi Sozialistaren inguruko hainbat kidek ere aurkakotasuna adierazi dute (Altsasuko zinegotziek barne) nahiz eta PSNk (eta zer esanik ez PSOEk) hasieratik hobetsi duen bertsio ofiziala. Bi adibide jartzearren, hona Patxi Lopezen gobernuan sailburu izan zen Blanca Urgelen iritzia: “Ez dakit zer gertatu zen Altsasun, baina badakit zerbait: Espainia zoroak jota dago, eta ez da sendabiderik ikusten inondik”. Baltasar Garzon epaileak dio ez dela terrorismo gisa epaitu behar. “Gehiegikeria ikusten dut. Badirudi batzuek ez dutela nahi hau amaitzea, eta hori oso arriskutsua da”. Posible al da terrorismo delitua egoztea erakunde terroristarik gabe? PPk eta PSOEk 2015ean onartutako Zigor Kodearen erreforma dago oinarrian. “Mendebaldeko kultura deitzen dioten horretako Zigor Koderik gogorrena izango du Espainiako estatuak”, zioen orduan Rebelion gunean Endika Zulueta abokatu madrildarrak. Terrorismo kontzeptuaren mugak lausotu eta arriskutsuki zabaldu zituzten orduan. “Bake publikoa larriki alteratuz gero: terrorista”. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak Altsasuko borroka definizio horretan sartu du. Hala ere, penalista asko ez dago ados horrekin. El País egunkarian hainbaten iritziak jasoz idatzitako artikuluan adibidez, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Zuzenbide Penalean katedratikoa den Joan Queralekin mintzatu ziren. “Beste modu batera epaitu behar litzateke (...) Zigor Kodearen 573 artikulu hau zuhurtziaz aplikatu behar da, zentzu komunarekin gizarte demokratiko batean”. Sakanan polizia gehiegi Euskal Herria da Europako Batasunean polizia dentsitate handiena duen lurraldea, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, Espainiako eta Frantziako Barne Ministerioek eta Europako Eurostat Ikerketa Zentroak emandako datuen arabera. mila biztanleko sei polizia baino gehiago daude Euskal Herrian, Europar Batasunak gomendatzen duenetik urrun: milatik bi agente. Ez da ahaztu behar, 1980ko hamarkadatik soldaduska desagertu zen arte, Nafarroa “munduko hiriburu” izan zela soldaduskarekiko, armadarekiko eta militarismoarekiko intsumisioan, Sabino Cuadrak gogoratzen duenez. Hego Euskal Herrian 40 bat etxe-koartel ditu Guardia Zibilak, irudi osoa egiteko, kopuru horri gehitu behar zaizkio Espainiako Poliziarenak, Espainiako armadarenak, Ertzaintzarenak eta Foruzaingoarenak. Ipar Euskal Herrian Frantziako poliziarenak eta Jendarmeriaren koartelak daude. Sakanan hiru koartel daude: Foruzaingoarena bat eta Guardia Zibilarenak bi –horietako bat Altsasun–. Herriko sarreretan 2016ko lehen bederatzi hilabeteetan 450 kontrol egiten dituztela kontabilizatu eta askotan gehiegikeriak gertatu izan direla salatu dute behin baino gehiagotan herritarrek. Gasteizko Gobernuak Euskal Kriminologia Institutuari eskatutako txosten batean, 1960 eta 2013 urteen artean torturak eta tratu txarrak sufritutako 4.000 herritarren testigantzak jaso dituzte. Testigantza horietan torturatzaileen rankingeko lehen postuan Guardia Zibila dago. Egunotan Guardia Zibilak egindako giza eskubideen urraketak gogorarazi ditu askok sarean. Altsasuko Udalak ere asteotan Guardia Zibilak herrian eragiten duen “gehiegizko presioa” salatu du. EAJko Unai Hualderen hitzok asko adierazten dute: “Feria asteburuan Altsasu Guardia Zibilak ‘hartu’ zuen Gazako zerrenda balitz bezala”. Gaia pil-pilean dela, azaroaren 17an, Leitzako kaleetan Espainiako Armadako kideak ibili dira, argazki eta bideoetan ikusteko aukera izan denez. Ahotsa.info hedabideari erasoa UPN alderdi unionista eskuindarraren adierazpen baten hariari tiraka, El Mundo eta Antena3 hedabideek Ahotsa.info herri hedabidearen aurkako informazioak zabaldu dituzte. Ahotsa Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegian Mozal Legea salatu duen lehen hedabidea da, besteak beste. Altsasuko gertaerak izan zirenetik, bertsio ofiziala zalantzan jartzen duten informazioak argitaratu izan ditu. “Nafarroako Gobernuak Guardia Zibilaren aurkako webgune bat diruz laguntzen du”, idatzi zuen Fernando Lazaro kazetariak El Mundoko azalean. Ahotsako kazetari Miguel Angel Llamasek “Ahotsa.info itxi nahi dute, alarma gorria piztu beharrean gaude” adierazi du Info7 irratian. Sarean #GureAhotsa traola Espainiako Estatu mailan Trending Topic izatera heldu da, bestelako informazioa sarean jende askori zabalduz. Asteburuan, Iruñeko hainbat ordezkari politiko eta herri mugimendurekin bideo bat egin dute. Elkartasun mobilizazioak Euskal Herrian Altsasuarrekin elkartasunez eta atxilotuak askatzeko eskatuz protesta ugari egiten ari dira egunotan Euskal Herrian. EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiak adierazi du desmilitarizazioaren inguruko eztabaida politikoa kriminalizatzeko nahia ikusten dutela auzibidean. Ekimenak egin dituzte ondorengo lekuetan gutxienez: Gasteizko Judimendiko gobernu militarrearen eta Sansomendiko Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean, Erromon, Arrasaten, Donostian, Iruñean, Tolosan, Azpeitian, Deustun, Erandion eta Santurtzin; manifestazioak egin dituzte Bilbon, Beasainen eta Leioako unibertsitatean. Euskal Herri osotik joanda, larunbatean Altsasun milaka lagun batu dira elkartasuna adierazi eta atxilotuak askatzeko eskatzera. Nola amaituko da hau guztia? Zigor Kode berriaren muga lausoetan mugarri bat jartzeko Euskal Herriko kasu bat erabiliko dutela dirudi. Espainiako ezker instituzionala isilik dagoen bitartean, aukera handiak daude, gerora irakurketa hauek Ebrotik behera aplikatzeko. Garai gogorrak Altsasun. Alberto Barandiaran kazetariak txio batek ederki bildu du bidea: “Altsasuko herria inoiz baino batuago ikusten dut samin eta amorru kolektiboaren inguruan. Ea indar eraikitzaile bilakatzen den”. Nondik jo presoen aldeko lanarekin? LANDER ARBELAITZ 2017ko urtarrilaren 22a Beste urte batez milaka lagun bildu dira Bilbon euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatuz. 349 euskal herritar dauzkate Espainiako eta Frantziako espetxeetan gatibu ETAk borroka armatua amaitu zuenetik bost urtera; ehunka iheslari eta deportatuk ere etxera itzuli ezinik jarraitzen dute. Nola askatu korapiloa? Kartzela oso gertutik bizi duten hainbat lagunekin mintzatu gara. Gaia usteltzen ez uzteko gogoa badago. Milaka lagun atera dira beste urte batez Bilboko kaleetara, euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatuz. (Argazkia: Dani Blanco) “Estatuari eskatzen diot dispertsioa amaitu eta legalitatea bete dezala”. ETAren biktima Rosa Roderoren hitzak polbora bezala zabaldu dira. Ebrotik behera eta Aturritik gora zabaldutako eskema sinpleak hausten ditu. Bigarren urtez jarraian, biktimen izenean euskal presoen giza eskubideak ez urratzeko eskatu du. Biktima gehiagok berak bezala pentsatzen duela dio, nahiz eta bera izan publikoki adierazten duena. “Manifestazioaren arrakastak aurrera jarraitzera behartzen gaitu”, dio Sareko eledun Joseba Azkarragak. “Jende asko dago Saren, ideologia politiko konkretuen gainetik, giza eskubideak, bakea eta gatazkaren konponbidea defendatzen”, dio. Dispertsioaren aurkako aldarria zabaltzen doala uste du. Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde, euskal presoak Euskal Herrira pankarta eramateko lotu dituzte: abokatuak, GALen eta ETAren biktima bana, preso gaixoen senideak, preso ohiak eta kulturgileak. Manifestazioa babestu dute EH Bildu osatzen duten alderdiek, eta ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuek. Ez babestea erabaki arren, EAJ, Podemos eta PSEk publikoki adierazi dute euskal presoak Euskal Herriratzea defendatzen dutela. Ahal Duguko idazkari nagusi Nagua Alba Bilbon izan da bere izenean, eta Podemoseko politika idazkari Iñigo Errejonek publikoki dei egin du manifestaziora joateko, atxikimendu esanguratsu batzuk aipatzearren. Todos los derechos para todas las personas. Ya no hay excusas. Bilboko kaleak betetzera. Nik #SalatzenDut ☝ — Íñigo Errejón (@ierrejon) 2017(e)ko urtarrilak 14 Senide eta lagunen jarrera irmoa “Duela 28 urtetik sakabanatuta dauden euskal preso politikoen familiarteko eta lagunak gara. Ez dugu guk erabaki horrela izatea; soilik horrela gara. Gure ahaideak atxilotu eta espetxeratu dituztenean, haiek ez abandonatzea erabaki dugu. Erakundeetan, eragile politiko, sozial eta sindikaletan konpromisoa eta ardura bilatzen dugu”, dio Etxerat elkarteko Naike Diezek. Santoñan El Duesoko espetxean preso duten aita bisitatzen duen aldiro Diezek 334 kilometro egin behar ditu. Etxerati buruz galdetuta, batzar nazionaletan 500 lagun inguru batu ohi direla kontatu digu, eta egun, elkartea batuta ikusten duela, eztabaidak izan arren. Elkarteko kide gehienak adinean gora doazela ere nabari dute, horrek dakarren guztiarekin. Alderdi eta sindikatuekin biltzean, aldaketa ikusi dutela dio Diezek. “Orain arte ezker abertzaleko txiringito bat bezala ikusten zuten, eta hori aldatzen ari da. Bere bide propioa egiten duen eragilea gara”. Azken errondan, alderdi eta sindikatu guztiekin bildu dira PP, UPN, PSN eta UGT Nafarroa salbu. “Hau amaitzeko gogoa badagoela ikusi dugu. Gero zer egingo duten, ez dakigu, baina hori adierazi digute eragileek. Ea hala den”. "Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du onartzen dispertsioaren ondorioz istripuz hildako 16 pertsonen biktima izaera". (Dani Blanco) Etxerat Bruselan izan da europarlamentariei gaixo diren presoen egoera azalduz. 22 preso larri daudela eta Frantziak eta Espainiak euren legea hausten dutela salatu dute. Preso ohien itxialdia Usurbilen Sareren manifestazioa hilabeteko beroketaren ostean heldu da. Abenduaren 10ean hasita, Kalera Kalera dinamikan itxialdia egin dute ehunka preso ohik txandaka Usurbilen. Ezkerretik eskuinera, Antton Lopez, Alberto Matxain eta Oihana Garmendia. Hirurak preso-ohiak eta Kalera Kalera dinamikan buru-belarri ibilitakoak. (Dani Blanco) “Giro polita izan dugu, nolabait esateko patioko giroa berreskuratu dugula esango nuke”, dio Oihana Garmendia santurtziarrak. 2015eko abenduan askatu zuten 6 urte kartzelan egin ostean. “Grina pizten du, hainbeste preso ohi, 40-30 urteren ostean, barruan geratu diren lagunak ateratzeko lanean jarraitzen dugula ikusteak”. Pertsona batzuek gau batez egin dute lo Usurbilgo plazan jarritako karpako literetan, beste batzuek bost gauez, batzuek bi astez eta bada ia hilabete osoa bertan eman duenik ere. Jasan duten hotzak eta asko gaixotu izanak ez du makurrarazi beren animoa. Dinamikaren azken egunean, 1000 preso eta iheslari ohi batu ziren Usurbilen. (Kalera Kalera) Antton Lopez elorriarrak 26 urte egin ditu espetxean, eta 2013an atera zen Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot Doktrina bertan behera utzi zuenean. Bera ere Kalera Kalera dinamikan buru belarri ibili da. Bi helburu jarri zituztela dio Lopezek: lehena, txinparta sortzea ezker abertzaleko oinarrietan eragiteko eta mobilizazioen dinamika abiatzeko. Presoen egoera sozializatzeko herriz herri antolatu diren hitzaldi, kontzentrazio, giza-kate eta beste ekimenak ikusita, lortu dutela uste du. Ernai eta Aitzinako kideak testuinguru horretan kateatu ziren Madrilgo Espetxe Zuzendaritzaren egoitzan, eta Parisen Justizia Jauregian, hurrenez hurren. “Nire ondorioa da, mobilizatzeko esparruak eskainiz gero jendeak erantzun egiten duela”. Bigarren helburua presoen gaia gizartearekin konektatzea da. Alde honetatik ere pozik dira, Usurbildik pasa den eragile kopurua eta egin dituzten harremanak ikusita. Hala ere, gaia sozializatzen ikusten du Lopezek aurrera begirako lan nagusia. Hala ere, Kalera Kalera ez da eragile bat, eta Sortuk hartuko du bere gain ildo hau, Zohardia txostenak jasotzen duenez. EPPK aukera berriak irekitzeko prest? Aurrez aipatutakoaz gain, Kalera Kalera dinamikarekin, preso ohiek babes politikoa adierazi nahi izan diete eztabaida prozesua ireki duten presoei. “Kartzelak husteko helburuarekin”, espetxez espetxe eztabaidatuko duten zirriborroa aurkeztu du EPPK-ko zuzendaritzak, preso bakoitzari bide juridiko berriak erabiltzeko aukera irekiz. “Norberak erabakiko du ildo juridikoak eskaintzen dituen aukera horiei heldu ala ez —erredentzioak, kartzela destinuak, graduen aldaketa, baimenak, Euskal Herrira hurbiltzea, baldintzapeko askatasuna, eta abar—, eta, horretan, ildoa kolektiboki onartu denez, taldearen babesa eta laguntza izango du une oro. Hori izan behar da funtzionamendu berriaren izpiritua”, dio dokumentuak. Dispertsioaren mapa, 2016ko abenduaren 31n eguneratuta. “Batu, herriratu, kaleratu”, ideiak nabarmendu dituzte. “Ildo horretan egindako urrats oro ontzat emango luke EPPK-k, betiere kidegoaren adostasun eta elkartasunez, eremu herritarren laguntasunez”. 2015eko ekainean ARGIAri emandako elkarrizketan jakinarazitako marra gorriei eutsiko die Kolektiboak: damua eta salaketa. Eztabaidak hilabete batzuk hartuko ditu. Ez balitz onartuko txostena, egindako ekarpenekin beste bat idatziko dute, eta onartuko balitz, presoen eskaerak berehala hastea aurreikus daiteke, Espainiako Auzitegi Gorenean tipologia berriko auzibideak irekiz eta esparru juridikoan kontraesanak sortzea bilatuz. “Irrikaz helduko diogu eztabaidari” “Inpasse politiko batetik gatoz eta asko dugu egiteko eta esateko. Hiru urte hauetan ez dugu gaitasun kolektiborik izan egoera politikora egokitzeko”. Egoeraren analisiak, autokritikak, proposamen berriak eta eztabaida prozesuak militante politikoentzat ezinbesteko elikagaiak direla dio Iurdan Martitegi durangarrak. Kartzelatik erantzun die ARGIAren galderei, argi utziz ez dela inoren izenean ari, soilik bere burua ordezkatzen duela. Martitegi 2009ko apirilaren 18an atxilotu zuten, Ipar Katalunian ETAko buru militarra izatea eta hainbat atentatu egitea egozten dizkiote. Moulins-Yzeuren daukate preso, jaioterritik 770 kilometrotara. “Eztabaidaren berpiztearekin animoak ere piztu zaizkigu nolabait, hainbeste deserturen erdian”, dio. Iurdan Martitegi, kartzelan ateratako argazki batean. – Zer espero duzu estatuengandik? – Egun, bi estatuengandik ez dut ezer onik espero, ez bada eztabaida oztopatzeko trabak ugaltzea. Estatuei ez zaie Kolektibo bizi, saretu eta proposatzaile bat interesatzen eta adibide bezala har ditzakegu orain hiru urteko gure kaleko bitartekarien eta abokatuen atxiloketak eta espetxeratzeak. Proposamenik ez dutenez, horretan temati segituko dute. – Nola ikusten duzu gaia hurrengo urteetan, epe laburrean? – Nahiko nuke gatazka armatuaren ondorioak ezker abertzalearen ardura izatetik Euskal Herriaren ardura izatera pasatzea. Egungo errealitateak eskatzen duen mailako alderdi politiko batzuk ikusi nahi nituzke, ofentsiban, interes alderdikoietatik harago, jendartearen gehiengoaren eskaria den gatazkaren ondorioetan lokatzetan, Herri ikuspegiz estatuen blokeoarekin konfrontazioan. Nahiko nuke gatazkaren ondorioen inguruko adostasunak, aliantzak eta batasuna izatea, prozesu independentista baten hastapenerako tresna. Estatuekin kateak apurtu eta Herri adostasunetik, aldebakarreko prozesuaren irteera gune bilakatzea. Amnistia helburu? Urtarrilaren 14ko ilunabarrean, Sarek deitutako manifestazio jendetsua amaitu ostean, Bilboko Alde Zaharrean beste manifestazio bat atera da laugarren urtez, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deituta. Ehunka lagun batu dira Amnistia Osoa lelopean. Amaieran irakurritako idatzian, iraganean Euskal Herrian amnistiaren alde egindako borroka goraipatu dute, balorean jarriz errepresaliatuen izaera politikoa nabarmentzen zela hor. 'Amnistia osoa' lelopean egindako manifestazioa. (Argazkia: AAM) “Azken urteetan, ordea, urtarrileko manifestazioak eduki politikoa galtzen joan dira presoak soilik ikuspegi humanitariotik defendatzera helduz, eta iheslari eta deportatuak albo batean utziz”. Mugimendua presoen egoera indibidualak hobetzearen alde dagoela adierazi dute, “beti ere, ez bada arreta azken helburutik okertzeko edo konponbide integral bateko bidetik ateratzeko baliatzen: azken helburua amnistia da”. Beren ustez, errepresaliatu politikoen gaia “soilik giza eskubideen alorrean geratzen bada, modu aseptiko eta testuinguru politiko batetik kanpo, etorkizun hurbil batean herri honen gehiengoak hurbiltzea edo preso gaixoen askatasuna defendatuko du, baina aldi berean defendatuko dute presoek egin zituzten delituengatik ordaintzea, nahiz eta izan kartzela politika flexible eta humanoago baten barnean”. EPPK-k eztabaida txostena publiko egin berritan (eta txosten honek izenik aipatu gabe batzuei “presoen egoera baliatzea” leporatu ostean), ETAko kide ohi Jon Iurrebasok iritzi artikulua argitaratu zuen hainbat hedabidetan, orokorrean, presoen bakarkako erabakiek ezberdintasunak sortuko dituela salatuz eta ezker abertzalearen ildo ofiziala kritikatuz. Kalera Kaleran ibilitako Antton Lopezek uste du sakonean proiektu politiko ezberdina defendatzen dutela. “Presoen auzia bakarrik balitz, hiru sesiotan konponduko genuke. Kontua beste gauza bat da, ordea, politikoa”. “Tristuraz bizi dugun gaia da ATArena, bai”, dio Iurdan Martitegik espetxetik. “Sakoneko ezberdintasunak estrategia politikoaren aldaketan ematen direla uste dudan neurrian, gustatuko litzaidake feminismoak bere baitako adar ezberdinak kudeatzeko duen gaitasun berarekin, gure etxeko iritzi ezberdinak zatikatzaile eta kenkari beharrean, indargune eta biderkatzaile izatera pasatzea”. Gatazka politikoaren altzoan genero biolentzia “Hemen gaude egun batez Euskal Herriaren independentzia eta gizarte justuago bat helburu, borrokan hasi ginen emakumeak”. Horrela hasten da Hemen gaude manifestua, kartzelatik pasatako bost belaunalditako 60 emakume presente zirela abenduko azken egunetan publikoki irakurria Kalera kalera dinamikaren baitan. “Diskurtso komun feminista osatu eta aurrera begira perspektiba bat pausatzea zeregin bat da, orain arte inork eutsi ez diona”, dio gaiarekin buru belarri ibili den Olatz Dañobeitiak. Lekeitiar hau sei urtez eduki zuten espetxean. 'Hemen gaude' mainfestu feministaren irakurraldi publikoa. (Argazkia: Kalera Kalera) “Gatazka politiko baten testuinguruan militante politiko gisa erabaki batzuk hartu eta ondorio errepresibo batzuk pairatu ditugu. Hautu horretan egon garen emakumeok, estatuen eta gure mugimenduen partetik bizi izan ditugunak kontatzea izan da helburua”. Manifestuan ideia asko ukitzen dituzte: gizonak eta gogortasuna ardatz hartutako militantzia eredua, emakumeak poliziaren eskuetan, zaintza behar eta falta, babes femeninoa, amatasuna, komunikabideen tratua, eta premia eta min pertsonalak, besteak beste. Egun espetxean dauden 52 preso politiko emakumeen askatasuna aldarrikatuz amaitu dute idatzia. Dañobeitiak dio harritu duela ekimenak izan duen harrera onak: “Hala ere, guk urrats bat eman dugu, guretzat garrantzitsua, baina norabide horretan oinez jarraitzea eragile askoren ardura da, euskal gizarte osoarena”. Olatz Dañobeitia sei urtez izan zuten espetxean. Iraganaren irakurketa feminista egin beharra aldarrikatzen du. (Dani Blanco) Aurrera begirako gakoak? Aurrera begira garrantzia izan dezaketen gakoei buruz galdetuta, Alberto Matxain iruindarrak argi du. Honek sei urte eta bi hilabete egin zituen espetxean. “Kolektiboaren eztabaida gai zentrala izango da”. Antton Lopezen ustez, gakoa da Kolektiboak adierazi duela “erresistentzia fasetik eraikuntza fasera” igaroko direla. Sareko Joseba Azkarragak uste du 2017a urte erabakiorra izango dela euskal presoen eskubideen alorrean. Batetik, urte honetan ETA desarmatu egingo dela ikusten duelako –“estatuen kolaborazioarekin edo gabe”–, eta bestetik, Kolektiboaren eztabaida txostena onartzen bada, Estatuen mezua desarmatuko dutela uste duelako. “Urte erabakiorra da. Aurten ez badugu lortzen desblokeatzea presoen gaia, arriskua dugu berriz ere geratu eta usteltzeko. Bake prozesu usteldu bat, berriz ere biolentzia abiatzeko arriskua duen prozesua da”. Giza eskubideen esparruan, alderdi politikoak akordio minimoetara hel daitezela sustatzeko txosten bat idatzi dute sentsibilitate ugaritako juristen iritziak jasoz. Akordioa bilatu eta hau erakundez erakunde defendatzea bilatuko du Sarek. Joseba Azkarraga Sareko eledunaren ustez, 2017a urte gakoa izango da. (Dani Blanco) Iurdan Martitegik ondorengoa dio egoeraz galdetuta: “Faltan somatzen dut Ipar EHko egoera politiko sozialaren hedapena Hego EHan. Eragileen eta jendartearen gehiengoak gatazkaren konponbidearen inguruan egiten duen irakurketa egokiaren adostasuna eta bakoitzak dagokion eremuan erakusten duen konpromisoa”. EPPK eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren ildoetan “kanpo eta barruko urratsak diskurtso politikoz jantzi eta herri guztietan infanteria lan iraunkorrez zabalduko lukeen antolakunde berri bat beharrezko ikusten dut, espazio publikoak berpiztuz eta aktibatuz”. “Herritarren jarrera desobedienteen hutsunea ere nabari dut. Inori itxaron gabe pauso bat aurrera eman eta injustizia oro salatzeko prest dagoen militantzia bizia”. 90. hamarkada bukaeran presoekiko solidarioen tresnak, Ernai eta Aitzinako kideen “ekintza-zuzen txalogarriak” edota Grezian atxilotutako bi euskal herritarren elkartasun ekintza aipatu ditu adibide gisa. “Badira borroka tresnak mahai gainean, bada non eragin eta zer salatu, eta bada giharra hori praktikara eramateko. Zeren zain gaude?”, galdetzen du. Oihana Garmendiak Kalera Kalera dinamikan eragileekin izandako harremanaren berri eman digu. “Badira urgentziazko gai batzuk: preso gaixoena, sakabanaketa, adinduen egoera... horiek berehala konpondu behar direla ados daude bildu garen eragile guztiak. Planteatu izan dugu Espainiako Estatuak indarrean duen salbuespen legedi hori indarrik gabe utzi behar dugula. 7/2003 legeak ezinezko egiten du legedi arruntean aurrera pausoak ematea, beraz, legediak presoei onartzen dizkien eskubideak aplikatzea. Mendekuzko politika da, gerra garaikoa. Hori amaitu behar da”. Ehunka presoren senide eta lagunek milaka herritarren elkartasuna jaso zuten urtarrilaren 14an Bilboko kaleetan. (Dani Blanco) Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat espetxe eskumenak aldarrikatzea ere defendatzen dute eragileek. Antton Lopezen ustez, ezker abertzalearentzat gakoa da ongi kokatzea zein momentu politiko den hau. “Guk prozesu independentista burutu behar dugu. Eta subjektu determinatzaile hori nola egiten da? Herria eginez. Prozesu demokratiko batean gaude. Horrek esan nahi du kontatu behar dugula gure ideologiarekin bat ez datorren jendearekin, herriarekin bat egin behar dugu estatuarekin konfrontazioa egiteko. Alde horretan parteek ez dute balio, osotasuna behar da. Ideia hori barneratzea oso garrantzitsua da”. Horrez gain, ezker abertzaleak kontraesanen esparruan bizitzen ikasi beharko duela uste du. “Ezker abertzale zurrun bat egiten badugu, akatsa izango da”. Oihana Garmendiak ere herri prozesua sortzea ikusten du gako. “Heldu da momentua herritarrok hartzeko horren ardura eta lekukoa. Ez alderdi politikoetan, ez gobernuen arteko negoziazioetan... ez, guk dugu giltza”. Norabide horretan, bi aldeko negoziazio eskemak ez duela balio argi du. “Euskal gatazka zapalkuntza baten harira sortutako gatazka da, baina beste zapalkuntzekin gurutzatzen da, tartean, emakumeok patriarkatuarekin dugun gatazkarekin. Euskal gatazkaren errelato feminista egin behar dugu lehenik, gerora konponbidearen proposamen feminista egiteko. Ez daukagu egina ez bata ez bestea”, dio Olatz Dañobeitiak. Aurrera begira, lan handia dutela egiteko dio. Emakume talde hau ez da eragile bat, ekimen puntuala izan da Kalera Kalera barruan. Hala ere, beste formaren batekin, baina lanean jarraituko dutela diote. Etxerat elkarteko Naike Diezek ikusten du Foro Sozialak hartu duen lanak garrantzia izango duela epe laburrean. Martxorako deitu dituzte ekitaldi bana Donostian eta Hendaian. “Desarmearen eta preso eta iheslarien inguruan zer gauza egin daitezkeen aztertuko dute”. EPPK-k hartzen dituen erabakiak-erabaki, Espainiako auzitegietatik hartutako neurrien aurrean Eusko Jaurlaritzak zein jarrera hartuko duen gako iruditzen zaio Diezi. Horrez gain, urtarrilaren 9an Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira heldu da dispertsioaren lehen kasua. Aurkeztuko dituzten ehunka kasutan lehena da Amaia Izko abokatuak jakinarazi duenez. Zikloa ixteko nahia “Kartzelak sinbolizatzen duen monstruosidade horri denari irmo aurre egin izanaren harrotasun apala eta duina daramagu herri gisa gurekin”, dio Martitegik espetxetik. “Ondare immaterial hori, ezabaezina da, barruan darama bizi-bizi edozein herri borrokalarik, eta Euskal Herriak nola ez, auto-errekonozimendu hori merezi du, eta merezi du horren gainean jardutea, analizatzea eta gure herri hau zoriontzea”. 660 kilometro egin behar dituzte Darocan (Zaragoza) dauden presoak ikustera doazenek. (Lander Arbelaitz) Urteko azken egunean, Zaragozako Daroca espetxean dauzkaten Aitor Olaizola eta Kemen Lertxundi bisitatzera joan diren bi autok topo egin duten espetxeko aparkaleku hotzean. Bi ondarrutar eta bi donostiarrek elkarrekin egin dute bisitaren aurreko ordubetea, eta ateratzean, ia beste horrenbeste behar izan dute elkar agurtzeko. Hormigoizko eraikin erraldoia parean dutela, lagunak berriz ere hor utziko dituztela jakitun, Angela Davisek hilabete batzuk lehenago aldarrikatutako kartzelen abolizioaz hizketan amaitu dute. “Horrenbeste belaunaldi daramatzagu kartzelaren inguruan bueltaka, harritzen nau nola ez dugun oraindik instituzio hau abolitzeko ideia geure egin oraindik”, dio batek. Espetxeen aurkako Tattoo Circus topaketetan horixe aldarrikatuko dute Donostiako Firestone lantegi berreskuratuan, martxoaren 31ko asteburuan. 'Egia eredua'k dakarren iraultzak badu mapa berria PELLO ZUBIRIA KAMINO 2017ko otsailaren 26a Donostiako Egiatik Agurainera, Amikuzen barna, paradigma berria ari da zabaltzen: ni euskaraz bizi naiz, zuk nahi duzun moduan erantzun eta kito. Elkarrizketa elebidunak mantentzetik hasi da iraultza berria. Baina horretarako euskaldunoi hizkuntzari eustea eragozten diguten aurreiritziak gainditu behar ditugu. Mapa egokiari begiratu, alegia. Niretzat –kronika hau lehen pertsonan joango da, aitormena ere bai baita– deskubrimendu bat izan zen datua: bizi naizen Hernanin herritarren %80k ulertzen duela euskara. Bestela esanik, gaztelania guk nahi baino askoz gehiago entzuten den Hernani industrial hiritartuan %20 baino ez direla euskara ulertzen ez dutenak. Gure herriko “Eutsi Euskarari indar proba”, laugarren edizioa duen 2016ko Euskara Ari Du kanpaina, Egiak antolatutako “Euskaraz Bizi Nahi Dut” operazioaren uberan etorri da, Lasarte-Oriakoa, Astigarragakoa, Aguraingoa edo Arrigorriagakoa bezala, ARGIAko orrietan Onintza Iruretak azaldua duenez. Hernaniarrei banatutako esku orrietan proposatzen zitzaien: “Ahal duzun guztietan hitz egin euskaraz. Bizi zaitezke euskaraz? Ez pasa gaztelaniara. Ulertzen baduzu, ez eskatu [nik] gaztelaniaz egiteko. [Zuk] ireki belarriak eta saiatu ulertzen”. Kanpainaren hasieran jende pila bat entrenatu gara sekula praktikatu gabeko kirol berrirako eta hainbat esperientzia eta bizipen ezberdin bezain kitzikagarriak bizi izan ditugu. Nik neuk esango nuke euskaraz hitz egin ez baina ulertzen dutenekin elkarrizketa elebidunak mantentzea ari dela gertatzen iraultza. Ziurrenik paparrean “Euskara Ari Du” txapatxoa eramaten segitzea erabaki duten askok berdin sentitu duela esango nuke: “Zuk lasai segi zurean, ez dizut eskatzen aldatzea, nik neuk aldatzea erabaki dut”. Prentsa-saltzailearekin, 60 urterekin gaztelaniaz trakets aritu arren euskaraz hitz egiten ez duen kaleko euskaldun atzenduarekin, kafea hartzen duzun ostatua gaztelaniaz betetzen duten arren ia denek primeran ulertzen duten funtzionario, komertziante eta jubilatuekin… norekin ezingo duzu euskaraz hitz egin baldin eta zure herrian %20 besterik ez bada ulertzen ez duena? Aguraingo “Nik 75” kanpainak astindu gaitu orduan, “baina hauek zeuzkatek barrenak… Agurainen 75 ordu euskaraz bizi?” Eta bai, zeren eta Agurainen euskara ulertzen omen du… %55ek! Hernanin ez banuen espero %20 bezain gutxi izatea euskara ulertzen ez dutenak, Agurainen ez zitzaidan burutik pasako %55ek ulertzea, Jainkoak daki zein sorpresa aurkituko nukeen Barakaldon… Zalantzarik gabe, Aginagan kale-baserritarra jaio nintzen honi maizter-konplexuak baldintzatu dit orain arte jokabidea, baina Euskal Herritik okerreko mapekin bidaiatzeak ere bai. Aztiker kooperatibako soziologo bati eskatu diot laguntza, nire herritik bidaiatzeko mapa berriak behar ditudalako, eta hasteko hau: ehunekotan, gure herrietan zenbat jende dira euskara ulertzeko gauza? Horrela prestatuak dira kronika honekin doazen kartak. Euskarari kolorea aldatu zaio 1. mapa –kronika honen hasieran doana– bilakatu da niretzat tresna nagusia. Biltzen ditu ezagutzaz Soziolinguistika Klusterraren EDB Euskararen Data Baseak dauzkan daturik berrienak: euskaraz hitz egiteko gai ziren herritarrak gehi ulertzen zutenak 2011n EAEn, 2001ean Nafarroan (herri handienetan 2011n eguneratuak) eta 2011n Iparraldean lurraldeka, hemen ez baita ez udaletako eta ez eskualdekako informaziorik. Ezagutza maila bakoitzari eman diogu 1979an Euskaltzaindiak plazaratutako Hizkuntza Borroka Euskal Herrian liburuaren azken orrietako mapen kolore bera, gero begirada errazeko alderaketak egin ahal izateko: gorriz %80-100, hori-laranjaz %60-80, urdinez %40-%60, berde ilunez %20-%40 eta berde argiz %0-20. Niri begiek esaten didate, laburrean, Gipuzkoan ia denetan ulertzen dutela %80 baino gehiagok, ez da ez herri eta ez hiri bakar bat (Eibar, Irun, Donostia, Errenteria…) %60 baino gutxiagok ulertzen duenik. Bizkaia gehiena ere gorri edo hori, eta nire harridurarako, Bilbo eta Ezkerralde osoa ere urdin, %40tik gorak ulertzen dute. Txundituta Arabak utzi nau: ia osorik urdin (%40-60), Errioxako herri batzuk barne! Nafarroa Garaiak azken urteotan Arabarekiko hartu duen atzerapena bistakoa gertatu arren, harrigarri gertatu zait zenbat herritan (Iruñea eta ingurukoak, Lizarra eta Tafallaz gain) gainditzen den %20ko marra. Iparraldean, Zuberoa eta Nafarroa Behereak osotasunean harturik %60ko marra gainditzen dute oraindik, eta ez dakigun arren nola dabiltzan barneko hiri erdaldunenak (Maule, Donapaleu…) ez dirudi esajeratua horietan ere %40 gaindituko dutela pentsatzea. Lapurdikoa… beste upeleko ardoa da: Itsasu edo Sara bezalako herriak eta Angelu-Miarritze-Baiona ezin dira parekatu, baina media %20-40 artean ibiltzeak euskaraz bizi nahi duenari ematen dizkio pistak. Seguru mapa honi aitzakiarik jarriko zaiola. Esaterako, zenbat ulertzen du “ulertzeko gai” dela aitortzen duen herritarrak? Baina, oro har, “Egia ereduko herritarren Euskal Herria” karta harturik (Interneten ipini dugun bertsioan xehetasun handiagoz ikus daitezke herriak) sentitu dut anitzez lasaitasun handiagoa euskaraz hitz egiteko edonori edonon, jakinda zenbat probabilitate dauzkadan “no te endiendo nada” entzuteko leku bakoitzean. Soziolinguistikaz dakitenek aspalditik dakizkiten datuak izan arren, ni oraindik nire buruari galdezka nabil nola ez naizen egoera honetaz jabetu lehenago. Esango nuke errealitatearen irudi okerra eduki dudala nire bizitzan zehar. “Egia ereduko herritarren Euskal Herriak” harritu nauela oso urrun dagoelako nire buruan neukan mapatik. Hau posible baldin bada, posible baldin bazen atzo bertan ere... zein maparekin ibili naiz, ordea, orain arte? Euskal Herriaren zein okerreko mapak baldintzatu du euskaltzale kontsekuente moduan bizitzen ahalegindu naizen honek erdara hainbeste erabiltzea? Soziologoarekin solasean, beste mapak probatuz, iruditu zait nire buruan euskara ulertzen duen Euskal Herriaren kartak irudikatzen zuela gutxi gorabehera duela 15 urte 1996an euskara hitz egiteko gai zirenena. Ikusi 2. mapa... “Horrela bai”, horrela bizi izan naiz ni azken urteotan, oharkabean beti kalkulatuz gutxi gorabehera leku bakoitzean (Lekeition, Barakaldon, Orexan, Agoitzen…) zenbat egon zitezkeen nire komunitatekoak, txikitatik euskara hitz egin dutenak gehi eskoletan ikasita hitz egiten dutenak gehi gau eskoletatik ateratako euskaldunberri militanteak… Horrela nola ausartu, ez dut esango Bilbon, edo Irunen… nola ausartu Donostian edo Agurainen? Gu zahartu eta euskara gaztetu Baina aurkeztu didate Egiatar bizitzen ahalegintzeko beste mapa argigarriago eta are itxaropentsugo bat, hemen doan 3. grafikoa: 35 urtetik beherako gazteen artean euskara ulertzen dutenen karta. Begiratu EAEk zer kolore hartzen dituen. Baskongadak ia erabat gorri! 2. grafikoa ikusirik, nola galdetu edo erantzungo diot gaztelaniaz Bizkaia, Araba edo Gipuzkoako gazte bati? Zuberoa eta Nafarroa Beherea, gainbehera doazen arren, oraindik urdin, Lapurdi bera eta Nafarroako herri asko berde ilun (%20-40)… Euskara 2017an zenbatek ulertzen duten laster jakingo da, estatistika berriak martxoan plazaratzean ikusiko da urteotako aurrerapena. Oraingoz 2001 eta 2011ko datuekin Euskal Herriak daukan benetako itxura hori ikusita… zer gertatuko da Egiako aitzindarien gibeletik zientoka batzuk eta gero milaka euskaldun ari baldin bagara euskarari eusten gure egunerokoan? Gaztelaniadun monolingueei kontrako pisua egin ziezaieketen euskaldun elebakarrak aspaldi galdurik, gaztelaniaz baino askoz errazago euskaraz mintzo ziren gure gurasoak hiltzen, hedabide espainol eta espainolduen uholdean gero eta ugariagoak dira gaztelaniaz aiseago ari direnak eta haien umeetako asko D eredu onenetan heziak izanagatik berehala pasatzen dira gaztelaniara eguneroko bizitzan. Urrunegi joatea ote da esatea Egiatarrok eragina eduki dezakegula alde guztietatik erasotzen duten euskararen oreka pittin bat berreskuratzen, hiztunetan asko ahuldu den nukleo gogorra sendotuz? Edota hori dela bide ia bakarra gaztelaniaz bizitzera kondenatu nahi gaituzten kolore politiko guztietako gure lagun ustez euskaltzaleen jarduera aldarazteko? Egia aitortzeko, euskararen etorkizunagatik baino gehiago nire interesez ari naiz Egiatar bizi nahian. Ohartu naiz nire jokabidea ez aldatzekotan hilko naizela zaintzaile erdaldunarekiko errespetuz azken urteak gaztelaniaz ematen dituzten gure zaharren moduan. Eta euskaldun oso bizi nahi nituzke nire azken urteak. Amikuzen eta Agurainen erakutsi didate lor dezakedala. Isiltzen denak zorionik ez du AXIER LOPEZ 2017ko martxoaren 19a Urtebetez Mozal Legeari eta haren izenean Espainiako Gobernuak ezarri zigun isunari aurre egin izanak emaitza garrantzitsua ekarri du. Kazetaritzarekin lotutako lehen auzian Mozal Legeak atzera egin du. Eskubide urraketen aurrean isilik ez geratzea hautatu dugunok, irribarre txikia ezpainetan, informatzeko eta eragiten jarraitzeko beste arrazoi bat irabazi dugu. “Si te mandan una carta, y no va perfumada, es del Gobierno Civil”. Kojon Prieto y los Huajalotes taldeko lagunek XXI. mendean abesten jarraituko balute, ziur naiz Carlos Urquijorekin oroituko liratekeela. Azken lau urteotan, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzaren helegite eta isunak jaso dituzten ehunka euskal herritar, antolakunde eta udalak berarekin oroitu diren bezala. Egia esan, ARGIAn ezustekoa izan zen, gure lana egitearen truke 601 euro eman behar genizkiola irakurtzea. Are gehiago, erabateko bakardadean PPk bakarrik babesten duen Mozal Legea erabiliz isunduko gintuela ikustea. Eta zer esanik ez, Euskal Herrikoa ezezik, Espainiako estatu osoan horrelako gutun ederrik jaso zuen lehen kazetari eta hedabidea ginela jakitean. Euskarazko hedabide txiki eta independente bat Espainiako Gobernuaren salbuespenezko legediaren lehen jo-puntua. Iazko martxoaren 3a zen, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren 13. urteurrenetik astebetera. Argudio zaharberrituak. “ETAren menpe” aritzea lehen; “ETAren eta Ospa eta Alde Hemendik mugimenduen mehatxua indarrean egonik, polizia-agenteen eta beren familiaren segurtasun fisikoa arriskuan jartzea” txio baten bidez, orain. Egun Iberdrolaren izenean mintzo den Angel Acebes ministroak “euskararen eta herritarren eskubideen defentsan” zioen artean; “Broma hutsa da esatea Espainian arazo bat daukagula adierazpen askatasuna edo manifestatzeko eskubideekin lotuta", dio Kongresuan orain Mariano Rajoyk. Madrilgo jende inportantearen jarioa ondo konprenitu gabe jarraitzen dugu euskal kazetariok, antza. Euskal hedabideon elkartasuna eta babesa ez dira urteetan aldatu. Pribilegiatuak gara kazetariok, kazetaritzaren aurkako erasoek gainerako herritarren aurkako urraketek baino zabalpen handiagoa izaten dute orohar. Baina arazoa kolektibizatzea izan da gakoa. ARGIAko lantaldeak isun bidegabea ez genuela ordainduko eta Mozal Legea desobeditzeko prest ginela lehen segundotik adierazteak azkartu zuen erantzun kolektiboa. Ondoren, euskal hedabide eta kazetarien erantzun paregabeak tranpolin paregabea osatu zuen ordu gutxiren buruan albistea nazioartera salto egin zezan. Eta hala, ARGIAri ezarritako 601 euroko isun administratibo bat milaka kilometrotara dauden The New York Times edo Al Jazeera hedabideek zabaldu zuten. Une horretatik aurrera albistea nola biderkatzen zen ikusi genuen: Mexiko, Frantziako estatua, Errusia, Grezia, Italia, Irlanda, Australia eta abar. Gure historia partikularrerako geratuko dira ARGIA Espainiako Kongresuan entzutea, Onintza Enbeitaren eskutik, edo Jordi Evoleren Salvados saioan parte hartzeko gonbita. Azken momentuan atzera egin zuten ekoizleek. Isiltzea erabaki zutenak ere izan ziren. Gutxi, baina arrain handiak. The Guardian euskal herritar bati ezarritako zigorraren berri ematen ari zela, hemengo egunkaririk salduenek txintik ere ez zuten esan. Edo El Paísen inoiz argitaratu ez zen elkarrizketa, zeinean Madrilgo kazetariak galdetu zidan lehenengoa izan zen ea ezker abertzalearekin lotura edo harremanik ba ote nuen. Bi adibide ilun, jartzearren. Auzia irabazi dugunean ere jarrera bera izan dute. Eleak/Libre-ko lagunei esker kalera ere heldu zen salaketa, Hekimeneko hedabideen bultzadaren ostean, EAEko Euskal Kazetarien Elkarteak bidea ireki zuen, aurrena Espainiako Estatuko kazetari elkarte gehienek gurekin bat egiteko eta hortik, Europa mailako Mugarik Gabeko Erreportariak, Amnistia Internazionala edota mundu mailako gobernuz kanpoko 100 elkarte biltzen dituen International Freedom of Expression Exchange taldeak gure isunaren eta Mozal Legearen aurka hitz egiteko. Legea egiten den lekura legea ez betetzeko proposamen batekin azaldu ginen. Lasarte-Oriako gure egoitzan nagusi den eromen zoragarriaren adibidea da. Ate birakarien bultzadak zorabiatutako politikari ohiak bezala, lanak izan genituen gure txikitasunean handi ez sentitzen kasu egin zigutenean. Mozal Legea ez betetzeko konpromisoa Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Nafarroako Parlamentuak begi onez ikusteaz gain, Polizia bat kontrolatzen duen Gasteizko Legebiltzarrak ia aho batez gure proposamena onartu zuen. Tamalez, denborak ARGIAren proposamenaren aurka bozkatu zuen bakarrari eman dio arrazoia. “Legez besteko proposamenak zentzurik gabe husten ari zarete, oso ondo dakizuelako –Carmelo Barriok EAJ eta PSE-EEko ordezkariengan begirada iltzatzearekin batera– gaur onartu duzuena ez duzuela beteko”. Orduz geroztik, Ertzaintzak 2.857 aldiz eman dio arrazoia popularrari eta Beltran de Heredia barne sailburuak behin: “Gu legea betetzeko gaude” soil batez. Zientzia politikoetako irakasleak “Parlamentuan esandakoa sarri Parlamentu barruan geratzen dela” azaldu zuen egunean ez ginen klasera joan. Eta, herabe, sinetsi genuen nahikoa izango zela herritarren, gizarte eragileen, alderdi politikoen eta parlamentuaren gehiengoa indar polizialen jarrera aldarazteko. Zeren aurrekari? Isuna jarri zigutenetik, kazetari elkarteek eta nazioarteko eskubideen aldeko eragile garrantzitsuek esandakoari entzungor egin dio Gobernuak. Espainiako Arartekoari –Soledad Becerril popularra– PPko militantea izatea ere ez zaio lagungarria suertatu, eta ARGIAren isuna indargabetzeko eskaerari muzin egin zion Rajoyk. Baina hara non, epaiketa egiteko sei egun falta zirela, atzera egitea erabaki duten. Isuna indargabetzeko forma arazoak argudiatu ditu Urquijoren makila hartu duen Javier de Andresek. Auziaren mamiari hozka ez egiteko, 'marroia' gainetik kentzeko ohiko argudio judizialetako bat erabiliz. Justizia egitearekin eta eskubideak bermatzearekin baino erabakiak unean uneko egoera politikoarekin lotura duela inork ez du zalantzatan jartzen. Ez dute Mozal Legea eta Polizia grabatzeko eskubidea orain ikustea nahi epaitegietan eta, mihi gaiztoen arabera, PSOE, EAJ eta PPren arteko elkarrizketak goxo jarraitzeko gure kasuak ez zuen laguntzen. Badakigu ez dela aurrekari juridikoa izango, sakoneko gaiari iskin egin diotelako. Ez dute bertan behera utzi argudio gabezi bera ala handiagoa duten zenbait zigor. Mozal Legea bide judizialetik geldiarazteko saiakeraz aparte, urtebeteko istorio honen amaierak badu ifrentzu politagorik. Nahi izanez gero, aurrekari izan daitekeena. Ez isildu izanaren ondorioz, irabaz daitezke argudioz jantzita eta txikitasuna muga beharrean akuilu hartuta, hedabide independenteen eta herri mugimenduen hauspoari esker. Gaur egun ere protestatzea merezi duela esateko adibide izatea nahi genuke, autozentsuraren aurkako txerto, kazetariok izan ez gaitezen gure eskubideei uko egiten diegunak. Espazio publikoan funtzionario publikoek egindako lanaren berri ematea ezin da inola ere delitu izan. Eta Mozal Legea eskura edukita ere, erakutsi dugu posible dela botereari muga justuak jartzea. Oinek ukitzen duten lurraren arabera pentsatzen du buruak. Egunetik egunera zabaltzen ari den ARGIAren komunitatea lurzoru ederra da edonora salto egiteko. Espainiako Gobernuak atzera egin du: ARGIAk irabazi du Mozal Legearen auzia ARGIA 2017ko martxoaren 07a ARGIAko kazetari Axier Lopezi ezarritako isuna bertan behera utzi du Espainiako Gobernuak, Javier de Andres EAEko Espainiako ordezkariaren bitartez. Hedabide honek isunari ezarritako helegitearen ondorioz, martxoaren 13an epaiketa egitekoa zen Gasteizen. Epaiketa egin gabe, ARGIAk ez du isunik ordaindu beharko kazetaritza egiteagatik. 2016ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak kalean egindako operazio baten berri emateagatik ezarri zioten isuna ARGIAri. Ordutik Espainiako Gobernuak urtebetez defenditu ditu ARGIAren aurkako zigorra eta isunaren arrazoiak. PP alderdiaren erabateko bakardade politikotik, kontra egin diete eragile ugarik: Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko kazetari elkarte guztiek, adierazpen askatasunaren eta prentsa askearen aldeko nazioarteko eragile askok eta Espainiako Arartekoak berak, besteak beste. Txio honen harira zigortu nahi izan dute ARGIA: Espainiako Gobernuak nahiago izan du Mozal Legea ez epaitegietara heltzea Epaiketa egiteko egun batzuren faltan, auzian amore ematea erabaki du Espainiako Gobernuak, isunaren forma arazoak argudiatuz. Hau da, kasua epaiketara iristear denean, duela urtebete isuna jartzean ez zutela behar bezala argudiatu dio Gobernuak. Urtebetez guztiz kontrakoa defendatu ostean, Espainiako Gobernuak nahiago izan du isun zehatz honen aurrean amore ematea, Mozal Legea epaitegietan ezbaian ikustea baino. Forma arazoak argudiatuz, isunaren edukiaz –Mozal Legearen 36.23 artikulua eta Polizia grabatzeko eskubidea– hitz egitea saihestu dute. Mozal Legearen 36.23 artikulua aplikatuz zigortu duten lehen kasua izan da Espainiako Estatuan. Baita haren aurkako lehen garaipena ere. Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari eta PPko politikari Javier de Andresek sinatu du isuna, eta beraz epaiketa, bertan behera uzteko agindua. 36.23 artikuluaren aplikazioaz aurrekari garrantzitsua Mozal Legearen artikuluen artean 36.23 da aurkakotasun handiena piztu duenetako bat. Artikulu horrek 601 eta 30.000 euro arteko isuna jartzeko aukera ematen du polizien irudiak edo datu pertsonal edo profesionalak zabaltzegatik, beti ere "agentearen edo bere senideen segurtasuna arriskuan jarriz gero". Argazki edo datu horien "egokitasuna" aztertu eta isuna jartzeko eskumena Poliziarena da, tartean epailerik edo bestelako entitate independenterik izan gabe. Polizia "protagonista eta epaile" bilakatzen du. Eskubide zibil eta politikoen defentsan aritzen diren taldeak eta kazetari elkarte gehienek salatu dute funtzionario publikoen lanaren berri emateko eskubidea urratzen duela artikulu honek. Auzi honetan lortutako garaipena aurrekari garrantzitsua izango da poliziak lanean grabatzea herritar eta kazetari guztion eskubidea dela berresteko. Hala aldarrikatu dugu ARGIAn ere, eta horren azken froga da "Polizia grabatzea ez da delitua" erreportaje sorta, Ahotsa, Topatu, Ekinklik eta Hala Bedi herri hedabideek Eleak/Libre mugimenduarekin elkarlanean sortutakoa. EAJ eta PSOE-ren erreforma saioak "legea berdin uzteko" XABIER LETONA 2017ko martxoaren 19a EAJk eta PSOEk Herritarren Segurtasunerako Legea –Mozal Legea– erreformatzeko egin dituzten proposamenak aztertzen dira ondorengo lerroetan. Eta Eleak-Libre erakundeak lege honen aurka egiteko bideratuko duen ekimena. ARGIAko isuna salatzeko Eleak/Libre mugimenduak Donostian egin zuen elkarretaratzea No Somos Delito Espainiako Estatuko elkarteak egin du EAJren eta PSOEren proposamenen azterketa: “Legea aldatu nahi da, baina funtsean ezer aldatu gabe eta, gainera, herritarren segurtasunari buruzko eztabaida sakona saihestuz”. Haien ustez, PSOEren proposamenak Mozal Legearen eta Corcuera Legearen (1992) txarrena biltzen du, kontzeptu juridiko zehaztugabeak eta orokorregiak erabiliz, eta herritarra defentsa barik utziz. EAJri dagokionez, plataformaren esanetan, greba eskubidea eta atzerritarren eskubideak zabaltzeaz mintzo da azalpenetan, baina ondoren ez ditu kontzeptuok garatzen artikuluetan. Herritarren segurtasunaz EAJk duen ikuspegia oso kezkagarria da: maila berean jartzen ditu oinarrizko eskubideen babesa eta ondasunena. Haien idatzian, eremu publikoa ‘erabilera eta gozamen publikorako’ esparrua da, eta ez eskubideak bizitzeko espazioa. PSOEk eta PPk ikuskera bera dute, eta herritarren segurtasuna ordena publikoaren mantenuarekin nahasten dute”. Bien proposamenetan Mozal Legearen oinarrietako bati eusten zaio: polizien esanak froga gisa balioa duela. Horrekin, praktikan, defentsarako eskubidea galtzen da. Manifestazioa eta bilkura eskubideari dagokienez, PSOEren proposamenek oso murriztaileak jarraitzen dute izaten. EAJren testuan ateak irekitzen zaizkie baimen gabeko bilkura bapatekoei, baina beti ere larrialdiko kasuei erantzuten badiete. Horrez gain, “EAJk migranteen kanporatze ‘beroak’ –berehalakoak– mantentzen ditu, eta hori txirotasunaren kriminalizazioa da”. Hobekuntzak ere badira proposamenetan, “baina gutxi”: Hainbat kasutan PSOEk isunak txikitzen ditu. Hoberako aldaketa esanguratsuena EAJrena da, hainbat kasutarako isunak ezabatzea proposatzen baitu, esaterako, segurtasun indarren argazki ez baimenduak argitaratzeagatik, Kongresu eta Senatu aurreko bilkurak egiteagatik edota kalea oztopatzeagatik. Eleak-Libre Mozal Legearen aurka Eusko Legebiltzarrak 2016ko ekainaren 22an Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu bazuen ere, Mozal Legea 8.087 aldiz erabili du Ertzaintzak 2015an eta 2016an (uztailetik urte amaierara 2.857 aldiz). Estefania Beltran de Heredia, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak legea aplikatzen jarraituko duela esan du. Nafarroako Legebiltzarrean legearen aplikazio datuak eskatuko dira eta bere aplikazioa bertan behera uztea. EAEko Legebiltzarrari hiru neurri eskatuko zaizkio: bat, Mozal Legearen aurkako jarrera berrestea; bi, lege honek berriz norbait zigortzen badu, salaketa publikoa egitea eta zigortuari babesa adieraztea; hiru, legea ez aplikatzeko konpromisoa berrestea. Zer egin Mozal Legean oinarrituta zigortzen bazaituzte? Eleak-Libreren telefonoa eskainiko da, lurralde bakoitzean elkartearekin elkarlanean ari diren abokatuen telefono zenbakiak eta e-posta bat ere bai: mozalikez@riseup.net. Zigorra errekurritu edo desobeditzea erabakiz gero, elkarteak aholkularitza emango dio zigortuari. Herritarraren eskubideak zein diren azalduz, mugimenduak errepresioaren aurkako Gida Liburua kaleratuko du. “Polizia Grabatu” ekimena ere abian jarri du –lehen hiru bideoak sarean dira jada–, Ahotsa, Topatu, Hala Bideo, Ekinklik eta ARGIArekin batera. Azkenik, eskubide zibil eta politikoak bortxatu dituzten polizia ekintza guztien datu base bat ere osatu nahi du elkarteak. “Zerbait egin behar da. Kalera atera behar dugu. Gobernuak igarri egin behar du gizartearen haserrea”. MARIJO DEOGRACIAS 2017ko apirilaren 30a Maitane Azurmendi Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiko taldeko kideak argi dauka. Apirilaren 29an, Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurren ekitaldien harira, milaka lagun ikusi nahi lituzke Gernikan. Muxikan dute hitzordua, handik Gernikara martxa isila egiteko, errefuxiatuei babesa erakutsi eta orain 80 urte gertatu zena, eta gaur gaurkoz beste hainbat herrialdetan gertatzen ari dena, gogoratzeko. ‘Ongi etorri Gernika 2017’ egitasmoaren aurkezpenean Europak errefuxiatuekiko duen jokabidea salatu zuten elkarretaratze batekin. (Argazki Press / Aritz Loiola) “Nire amamak bonbardaketan pasatakoa kontatzen zidanean haren begiradan ikusten nuen beldur bera sumatzen da albistegietan ikusten dituzun pertsonen begietan. Historia errepikatzen ari da, eta zerbait egin beharra daukagu”. Maitane Uriarte Atxikallende Gernikako bonbardaketa bizi izan zutenen lobatako bat da. “1937ko apirilaren 26ko triskantza haren testigantzak lehen eskutik jaso dituen azken belaunaldia garela esan genezake”, azpimarratu zuen Uriartek, Gernikaren bonbardaketan 80. urteurrena gogoratzeko aurkezpen-ekitaldian. Lobak proiektuan ari da bera, beste hainbat kultur sortzaile gazterekin. Lobak proiektua ere aritu da apirilaren 29an eta 30ean Gernikan egingo den aldarrikapen-egitarau zabala osatzen. Gerraren kontrako eta errefuxiatuen aldeko nazioarteko topaketa egingo da Gernika-Lumon apirileko azkeneko asteburuan. Ongi etorri Errefuxiatuak plataformak hartu du bere gain asteburu horretan milaka eta milaka pertsona elkartu nahi dituen egitasmoaren gidaritza. “Gernikan gertatu zena atzera ez dadin errepikatu”, dio Uriartek. Hala adierazi zuen aurkezpenean ere: “Mezu argi batekin gatoz: gure aitona-amonak ere izan ziren errefuxiatuak eta orain, guri dagokigu gerratik ihesi dabiltzan pertsonei laguntzea. Gure herria, behin bidegabekeriak erraustutakoa, izan dadila gaurkoan ongietorririk beroenaren habia”. Ongietorri sinboliko hori apirilaren 29an egingo dute: errefuxiatuei babesa agertzeko martxa erraldoia. Horretarako Muxikan elkartzeko deia egin dute eta hara bildutako guzti-guztiek Gernika-Lumoko herrira martxa bateratu eta isila egingo dute. Maitane Azurmendik izan zuen martxa egiteko burutazioa. Ongi etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da bera, eta Lobak proiektuan ere badabil. 2016ko udan Tesalonika (Grezia) hirian egon zen No Border salaketa-ekitaldian. Beste hainbat lagunekin batera, errefuxiatuei elkartasuna adierazteko eta gobernuei presio politikoa egiteko joan zen hara. Esan digunez, “jendea Gernikara batzeko asmoa da gobernuei mezu bat helaraztea: errefuxiatuak lagundu behar ditugu! Ez dut nahi 20 urte barru belaunaldi oso bat galdetzen aritzea ea zer egin genuen”. Azurmendik ez dauka ahazteko errefuxiatuen kanpalekuetan ikusi zituen pertsonen aurpegietan ageri zen “desesperazioa”. “Itxaron-ilarak egitea besterik ez daukate han: gosaltzeko, bazkaltzeko, jantziren bat eskuratzeko, seme-alabak garbitzeko, manta bat lortzeko… Denbora geratu izan balitz moduan bizi dira, ezer egitekorik gabe”. Hura ikusita, etxera itzultzean zerbait egin behar zuela besterik ez zuen buruan eta horrela sortu zen Ongi Etorri Gernika, 2017 egitasmoa. “80. urteurrena izanik, hemen ere alde egin behar izan zuten neskato-mutikoak egon zirela gogorarazi nahi dugu. Euskal Herria harrera-leku izatea nahi dugu”, azpimarratu digu. “Azken batean gerratik ihesi datoz eta ezin dizkiegu ateak itxi. Ez dugu beldurrik izan behar, ez baitut imajinatu ere egin nahi gu geu atera beharko bagina, eta laguntzeko inor ez dagoela ohartuko bagina, zer egingo genukeen”. Herri ekimena Azurmendik azaldu digunez, oso erraza izan da herriko taldeak egitasmoan inplikatzea eta egitarau zabala osatzea. Izan ere, apiril osoan hainbat eta hainbat ekitaldi egin dira Gernikan 80. urteurrena gogoan: bakearen inguruko mahai-inguruak, memoria historikoaren inguruko hitzaldiak, antzezlanak, film emanaldiak eta nola ez bonbardaketa egunean bertan, apirilaren 26an, sirena-hotsa eta 4 minutu ekimena, Gernika Garretan herri-antzerkia eta kandelen manifestazioa. Aurten gainera, Gernika Garretan antzezlana berritu egin dute. Onintza Enbeitaren laguntzarekin gidoia eguneratu nahi izan dute, errefuxiatuen dramari lekua egin asmoz. “Orain dela 80 urte Santurtzitik 4.000 ume atera ziren Habana itsasontzian, gerratik ihesi. 80 urte geroago, salbamendu-jakak jantziarazten dizkiete milaka eta milaka umeri gerratik txalupetan ihes egin dezaten. Haiek bazekiten nora zihoazen; gaur egun ez dakite inora helduko diren ere”, diosku Azurmendik. Horregatik, egoera horretan ihes egin beharra daukaten pertsonak, haurrak, gogoratzeko keinua ere bada antzelana. Gernika 2037 Francoren bilobari gutuna antzezlanaren harira Bertsolari aldizkarian zioen Igor Elortza bertsolari eta antzezlanaren gidoilarietako batek, “kontatu barik kontatzen diren istorioek sortzen dituzten zauriak dira sendatu behar direnak”. Kezka horrekin dabiltza Ongi Etorri Gernika 2017 egitasmoa antolatzen dabiltzan guztiak. Lobak taldeko Uriartek esaterako dio, gerra osteko beldurra bizi izan zuela beti euren amama zenak. “Bakarrik kontatzen zigun guk geuk galdetuz gero, eta beti ere kontu handiz. Frankismoa amaituta ere berari beldur hori geratu zitzaion barruan”. Are gehiago, bonbardaketaren ondorengoen loba honek dio asko igarri dutela euren etxean urteetako hutsunea. “Herriko historia paralizatu egiten da, beldurragatik. Gure amama bizi zela ere, beti esan izan digu “kontuz ibiltzeko”, hori izan du beti berak barruan: beldur horrekin hazi eta bizi izan da beti, dena amaituta egon arren”. Ildo horretan, Hannot Mintengia gernikarrak 2016an zuzendu zuen Markak dokumentalean dio Bernardo Atxagak, “gogoratzeak, memoriak, lan asko eskatzen du; nahitaezkoa da euskarri batzuk egotea, zerbait, zeinu batzuk behar dira gogoratzeko, ze normalena ez da gogoratzea, normalena da ahaztea”. Eta ez ahazteko, Lobak egitasmoan euren aurrekoen lekukotza hartu dute. Mintegiak zioen bezala, “memoria, orainean ekitera obligatzen zaituen zerbait bezala ulertu behar baita”. Horixe da, hain justu, Lobak proiektua. 2012an, kulturaren eta artearen sorkuntza-eremu gisa hasi zen. Bonbardaketatik bizirik atera ziren haien lobek osatu zuten, “utzi diguten lekukotzarekin eta ondarearekin bakoitzak bere esparruan egin dezakeen ekarpena egin dezan”, azaldu du Maitane Uriartek. Gernikako Astra fabrikan bonbardaketen aurka erabilitako sirena berritu eta martxan jarri zuten iaz: Yahia Koddo eta Ruba Hassan siriarrek aktibatu zuten (Argazki Press / Jaizki Fontaneda) Markak dokumentalean parte hartu zuten haietako askok, euren testigantzak emanez eta sentimenduak adieraziz. Haren ondotik sortu da apirilaren 20an Astran aurkeztu duten Gernika 2037, memoria eta espazio publikoa egitasmoa: Gernikako ondare historiko-fisikoa berreskuratzen saiatzeko proiektua. “Turista askok galdetzen dute ea ez ote dagoen herrian gertaeraren arrastorik; baina kontua da bonben osteko Gernika erabat suntsituta geratu zela eta berreraiki egin behar izan zela”, diosku Uriartek. “Egiaz ez dakigu ezer Gernikari buruz, bonbardaketa osteko Gernikari buruz. Markak dokumentalaren grabazioan zutabe bat deskubritu zuten gerra zibileko armen tiro-markak dituena. Guk hori ez dugu jakin eta hori, gura ala ez, gure ondare historikoaren parte da”. Horregatik “asmoa da identifikatzea bonbardaketatik geratu diren leku-markak; gure ondarea berreskuratzeko plan bat abiaraztea, bai gerra zibilekoa, aurrekoa zein ondorengoa”. Uriartek azaldu bezala, epe luzerako proiektua da, “bonbardaketaren mendeurrenerako erronka bat”. Muxika-Gernika, martxa isila Zapatu-domekan egingo dira “Gernikan gertatutakoaren memoria bizirik eusteko” eta “gaur egun milioika pertsona ihes egitera behartu dituzten beste “Gernika” horietan gertatzen dena geldiarazteko” aldarrikapenak. Bizkaiko Ongi etorri Errefuxiatuak plataformak antolatu du Gernika batzordea, Arrano Kultur Elkartea, Gernika Garretan, Sare-Gernika, Lobak, Gernika Zine-kluba, Gite-Ipes, Nkap eta Gernika Gogoratuz taldeek lagunduta. Zapatuan egingo dira errefuxiatuei babesa emateko ibilaldiak, Euskal Herriko hainbat lekutatik oinez zein bizikletan Gernikara iritsiko dira denak batera, manifestazio isilean. Domekan, berriz, gaikako tailerrak eta esperientzia-mahaiak antolatu dira, “jendeak ezagutu ditzan han eta hemen egiten ari diren bestelako elkartasun ekimenak –dio Azurmendik–, eta euren artean ere elkarlana sustatzeko. Azken batean, bilatzen duguna da jendea inplika dadila, eta elkartasun sarea ahalik eta gehien sendotzea”. 1937ko otsailean Zumaiatik kanporatutako emakumeak euren haurrekin. (Argazkia: 'Baleike') Bertolt Brechtek Langile baten galderak poesian, aditzera ekarri zuen herri xumearen bazterketa. Hitz horiek ongi doazkie 1936 eta 1939ko kinkan erbestera joan ziren milaka eta milaka euskaldunei. Izan ere, goi mailako politikari zein intelektualen atzerriratzea historiara eraman eta nonahi azaldu den bitartean, beste herritarren antzeko patua zokoratu egin izan da. Egun, harriduraz eta zerbait ezezaguna izanen balitz bezala egin dituzte omenaldiak euren herritik indarrez kanporatuak izan ziren emakumeen alde. Ba zen garaia! Memoria historikoan ahatetxo itsusiaren parean gelditzen ari den erbesteratzea puska batean bederen berreskuratzeko; egiari zor diogulako eta gaur Europan gertatzen ari diren antzeko tragedien aurre-oihartzun zuzena delako. 1936ko gerra zibilaren ondorioz izandako erbesteratzea, Espainiako Estatuko herrialdeen historian handiena izateaz gain, klase eta esparru guztietako herritarrak zanpatu zituen. Eta ez soilik Retirada ezagunean –1939ko otsailaz geroztik Gironako mugetatik landa izandako hartan–, baita gerraren hasieran ere. Jakina denez, Espainiako militar errebeldeek egindako estatu kolpearekin, lehen momentutik eman zion ihesari jendeak, multzo txikiagotan bazen ere. Frankistek aurrera jo zuten heinean, ihesaldi horiek hauspotu zituzten. Lehen erbesteratze masiboa Irungoa izan zen. Milizianoekin batera milaka herritarrek zeharkatu zuten Bidasoa, haurrak eta helduak, Iparraldean babesa bilatzeko asmoz. Egun batzuetako ihesa izanen zelakoan, askorentzat gerra bitarteko bilakatu zen iraun bitartean, beste batzuentzat itzulerarik gabeko bidaia. Gerra frontea egonkortu arren, barne deserriek jarraitu zuten. Atzeguardian kokatuta zeuden herrietatik ehundaka andrazko kanporatu zituzten euren haurrekin, susmagarriak zirelakoan. Hilabete batzuk geroago Bizkaiaren aurkako erasoaldiak sortutako bigarren erbesteratze masiboaren aurrekaria izan zen hura. Zarauztik, Zumaiatik, Getariatik, Azkoititik... ehundaka lagunek segizio tamalgarriak egin zituzten errepideetan barna. Baina latzena iristear zegoen: faxistek inpunitate osoz egindako bonbardaketek argi eta garbi utzi zuten inor ez zela salbu. Erabateko gerra zen. Hala, haurren erbesteratze handiak antolatzen hasi ziren Bizkaiko portuetatik. Ondorioa zein izan zen badakigu: 20.000 haur baino gehiago sortetxea lagata gerra amaitu arte laketu ziren Britainia Handian, Frantzian eta Belgikan, eta 1960ko hamarkada arte Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean. Haurren deserriratze horrek erakutsi zuen zer etorriko zen ipar frontea oso osorik frankisten esku geratzen zenean: Kantauriko kostaldeko portuetatik soldaduak, buruzagi politikoak eta herritarrak itsasoratu ziren, Nantesen, Saint Nazairen, La Pallicen edo Pauillacen lur hartzeko. Haietako asko Frantziako kolonietan geratu ziren, beste zenbaiti hango familiek eman zien ostatu, eta askok Kataluniara jo zuten, behin-behineko aterpe bila. 1939ko urtarrilean frankistek Katalunia jarri zuten jomugatzat. Orduan, behin betiko erbesteratzea iritsi zitzaien 1936-1937tik etxetik kanpo zeuden euskal errefuxiatu horiei guztiei. Frankistak Bartzelonara hurbildu zirenean hasi zen ihesaldi handiena. Retirada hitzarekin historiara igaro den atzera-egite hark errefuxiatu kopuru ikaragarria sortu zuen. L’Illustration frantziar astekari eskuindarrak horrela deskribatu zuen: “Espainiarrek Frantzia aldean hasitako exodoa, hartu duen muntarengatik, irudiezina da. Herri oso bat badoa: aberatsak, pobreak, burgesak, merkatariak, nekazariak, beharginak, armadakoak, zama animaliekin, gurdiekin, autoekin, gerra tresnekin nahastuta”. Bat datoz lekukoak eta historiagileak esatean 500.000 inguru izan zitezkeela. Era berean, Frantziako Gobernuak errefuxiatu horiekiko izandako jarrera salatzeko unean ere zalantzarik ez dago: agintariek azken unera arte mugak itxi zituzten, eta onartu zutenean ihesean zetorren jendetza Frantzian hartzea, “harrera” berezi samarra eman zieten. Mugak zeharkatutakoan, jendarme frantziarrek milizianoak desarmatu eta goitik behera miatu ostean, gertuen zeuden kontzentrazio guneetara eta Argeles, Saint Cyprien eta Le Barcaresko kontzentrazio hondartzetara eraman zituzten, txarrantzez eta militarrez inguratutako eremuetara. Miliziano ez zirenak, berriz, barnealdeko aterpeetara bidali zituzten. Nolanahi ere, agintari frantziarrek egundoko indarra jarri zuten jendea lehenbailehen Espainia frankistara itzul zedin. Askok onartu zuten hori egitea. Halaber, Frantzian gelditu zirenek Estatu frantziarraren desbideratze faxista jasan behar izan zuten II. Mundu Gerra medio, lehenik Daladier eta Reynaudekin, eta ondoren Petainena Vichyko erregimenarenarekin. Mundu gerra amaitu zenean ez zen homologaziorik izan Espainia eta Europako garaile demokratikoen artean. Erbestea betiko izanen zen, ez bakarrik goi mailako agintari edo arduradun politikoentzat, baita Bertolt Brechtek gogoratzen zituen herritar xume horientzat ere.
booktegi.eus Julene Azpeitia lehiaketa Testu hauek jatorrizkoaren moldaketak dira, Julene Azpeitia lehiaketako sari-banaketa emanaldian irakurtzeko egokitu baitira. Itzulpenak eta moldaketak Juan Antonio Atutxak egindakoak dira. Ilustrazioak: Imanol Larrinaga Bilduma ikusezina IPUINAK Itzulpenak eta moldaketak: JUAN ANTONIO ATUTXA Ilustrazioak: IMANOL LARRINAGA AURKIBIDEA Bilduma ikusezina Stefan Zweig Ipuin kontalaria Saki Printze zoriontsua Oscar Wilde Markoa Saki Sukaldaria Giovanni Bocaccio Bilduma ikusezina Alemaniako inflazioaren episodio bat (1925) Stefan Zweig Dresden hiria igaro eta bi geltoki geroago gizon nagusi bat igo zen gure konpartimentura. Agur adeitsua egin eta, begiak goratuz, burua makurtu zuen niri begira, aspaldiko adiskidea balitz bezala. Hasiera batean ez nuen ezagutu, baina bere izena esan zuenean, irribarre xume batekin, berehala ezagutu nuen: Berlingo antikuario ospetsuenetakoa zen. Gerra aurretik, behin baino gehiagotan gozatu eta ikusi nituen bere dendan liburu zaharrak eta autografoak. Hasieran garrantzi gabeko gauzez jardun genuen. Bat-batean, hauxe esan zuen: Nondik natorren kontatuko dizut, izan ere, arte-saltzaile lez ibili izan naizen hogeita hamazazpi urtetan gertatu zaidan gauzarik bitxiena da. Agian jakingo duzu zer gertatzen ari den gaur egun artelanen salerosketetan diruaren balioa gasa airean bezala desagertzen ari denetik: zorri-aberatsek birjina gotikoak, inkunableak, grabatu zaharrak eta koadroak dituzte gogoko; aseezinak dira, deskuidatzen bazara etxea bera ere hustuko dizute. Eurengatik balitz, alkandoraren bikiak eta idazmahaiko kriseilua ere erosiko lizkidakete. Geroz eta zailagoa da merkantzia berri bat aurkitzea (barkatu espresio hau erabiltzea guretzat horren sakratuak diren objektuak izendatzeko), baina kasta higuingarri honentzat inkunable veneziar miresgarri bat dolarrak irabazteko bilgarri xinple bat baino ez da, eta Guercino-ren marrazki autografo bat ehun liberako pare bat billeteren inkarnazioa. Ez dago lehiatzerik erosle amorratu hauen lotsagabekeria baldarren aurrean. Honela, berriro ere, lumatua sentitu nintzen, larrutua, pertsianak behera botatzeko desioaz. Aitak aitonarengandik oinordetzan hartutako denda miresgarria itzaliz zihoala ikustean lotsa sentitzen nuen: purtzilkeriak baino ez zitzaizkidan geratzen, behinolako traperoek ere nahiko ez luketena euren gurdietarako. Estualdi honetan nengoela kontabilitate-liburu zaharrak errebisatzea otu zitzaidan, bezero zaharren bat eta erosketa posibleren bat aurkituko nuenaren esperantzan. Bezeroen zerrenda zahar hauek hilotz-zelaia dirudite beti, eta batez ere garai hauetan; nolanahi ere, ez nuen aparteko ezer aurkitu: aspaldiko erosle gehienek enkanteetan saldu behar izan zituzten euren jabetzak; beste asko hilda zeuden, eta bizirik zirautenengandik ezer gutxi espero zitekeen. Baina, halako baten, gure bezero zaharrenaren eskutitz mordoa aurkitu nuen. Ahaztua nuen bezero hau, izan ere, gerra hasi zenetik hona, 1914an, ez zigun inongo mandaturik edota galderarik egin. Eskutitzok –harrigarria bada ere– duela hirurogei urte bidaliak ziren. Bezero honek jeneroa erosi zien nire aitari eta baita aitonari ere, baina bildumagile lanetan neramatzan hogeita hamazazpi urteetan, oroimenak huts egiten ez badit behintzat, ez zuen sekula gure denda zapaldu. Itxura baten, gizon eszentrikoa zen, antigoalekoa eta originala, Mendel edo Spitzweg-en koadro batetik ateratako alemaniar horietako bat, probintzietako hiri txikietan, gaur egun ere, nonahi aurkitu daitekeen ale bakan arraro bat. Bere eskutitzak kaligrafia-maisulanak ziren: oso ondo idatzita zeuden, eta kopuruak erregelaz eta tinta gorriz azpimarratuta zeuden. Gainera, bi aldiz errepikatzen zuen kopurua, okerrik egon ez zedin. Gutun-azalak xumeak ziren, merkeak, aspaldiko probintziano baten urritasunaren eta aurrezteko grinaren adierazgarri. Dokumentu guztietan bere izenaren sinadura idazteaz gain, honako titulua ere agertzen zen: Baso eta ekonomia kontseilari erretiratua, teniente erretiratua, lehen mailako burdinazko gurutzearekin kondekoratua. Hirurogeita hamarrean erretiratuta bazegoen, bizirik bazen, ezinbestean, laurogei urte izan behar zituen. Baina pertsona aurreztaile orijinal eta absurdo hau jakinduria handikoa zen lamina zaharren bildumagile bezala: irizpide onekoa zen eta gustu finekoa. Duela hirurogei urte egin zituen enkarguei begira nengoela, hauetako batzuk zilarrezko diruarekin kontabilizatuak, jabetu nintzen probintziano txiki honek, xilografia aleman ederrenenak merke asko eta zarata handirik egin gabe eskuratu zitezkeen sasoian, kobrezko grabatuen bilduma eder bat zuela, zorri-aberatsen bilduma arranditsuen inbidiarik ez zuena. Guri bakarrik mende erdian zehar erosi zigunak balio ikaragarria zuen, eta pentsatzekoa da eskuraketa gehiago egingo zituela beste zenbait enkante eta antikuarioetan. 1914az geroztik ez genuen bere enkargurik jaso, baina jakin banekien tamaina horretako bilduma bat nekez saldu zitekeela hautsak harrotu barik; hortaz, pertsonai kurioso horrek bizirik behar du egon edo bilduma bere oinordekoen esku dago. Kontua interesgarria zirudien, honela, hurrengo egunean, hobeto esanda, atzo gauean, trenez abiatu nintzen Saxoniako probintzia-hiri jasanezin horietako batera. Geltoki txikitik kale nagusirantz nindoala paseoan pentsatu nuen ezinezkoa zela, etxe xume eta jendilaje burges txiki haien artean, Renbrandt-en estanpa ederrenen eta Durero eta Mantegnaren grabatuen jabe zen pertsona bizi zitekeela. Postetxean galdetu nuen baso eta ekonomia kontseilaria bizirik ote zen, eta, harrigarria iruditu bazitzaidan ere, halaxe zela erantzun zidaten, bizirik zela gizon zaharra, eta, beldur apur batez, aitortu beharra dut, eguerdia baino lehen abian jarri nintzen gizona bisitatzeko. Erraz aurkitu nuen bere etxea. Probintzia-etxe xume horietako baten bigarren solairuan zegoen, hirurogeigarren hamarkadan etxegile zoli batek arin asko altxaturiko eraikin batean. Lehenengo solairuan sastre ondratu bat bizi zen; ezkerraldean poste-etxeko funtzionario baten plaka ikus zitekeen; eskuman, azkenik, portzelanazko errotulu bat agertzen zen, baso eta ekonomia kontseilariaren izenarekin. Atea suabe jo ostean, ile urdindun emakume zahar bat agertu zen buruan kofia dotorea zuela. Nire txartela eman eta galdetu nion baso kontseilaria ikus nezakeen. Harrituta eta mesfidati samar, begiratu bat eman zidan eta gero txartelari so geratu zen: hiri galdu honetan, etxe zahar honetan, bisitaldi bat gertakaria zen. Hala ere, amultsuki eskatu zidan itxaron nezala; txartela hartu eta gelan barrena sartu zen. Ahapeka hitz egiten entzun nion, eta gero gizonezko baten ahots errimea eta lagunkoia entzun nuen: - A! Berlingo R. jauna, antikuario-etxe ezagunekoa. Pasa dadila… atsegin handiz! Eta andreak, urrats txikiak emanez, egongelara pasa nadila esan zidan. Berokia kendu eta barrura egin nuen. Gela xume baten erdian bibote handidun gizon zahar bat zegoen, tente asko, etxe barruan eraman ohi diren jaka soinean eta militar tankera zuena. Bi eskuak luzatu zizkidan. Baina ongietorri –keinu adeitsu eta espontaneo honi zurruntasun arraroa kontrajartzen zitzaion. Ez zuen urrats bat ere eman nigana gerturatzeko, eta ni –zertxobait harrituta– hurbildu egin behar izan nintzaion eskua emateko. Bere eskua estutzera nindoala konturatu nintzen bere eskuek ez zituztela nireak bilatzen: zain zeuden. Eta orduan jabetu nintzen itsua zela. Umetatik izan ditut arazoak itsuekin tratatzeko orduan. Aztoratuta eta lotsakor agertzen nintzen pertsona bat erabat bizirik zela sentitzean eta, aldi berean, nireak ez bezalako sentipenak zituela jakitean. Eta oraingo honetan ere hotzikara sentitu nuen begi hil horiek ikusi nituenean, hutsalari irmo zuzenduak, bekain sendo eta zurien azpian. Baina itsuak berehala eten zuen nire harridura; nire eskuak berea ukitu zuen unean bertan, agur adeitsua eta eztia eskaini zidan esku biak indarrez astinduta. - Bisitaldi ezohikoa, inondik inora! –esan zuen irribarretsu-. Benetan, miraria da Berlingo jaun handi-mandi bat bidean galdu eta gure herrixkara heldu izana… Baina kontuz ibili behar da arte-merkatari batek trena hartzen duenean… Hemen esaten dugu poltsak eta ateak itxi behar direla buhameak agertzen direnean… Bai, badakit zergatik zatozen nigana… Negozioek okerrera egin dute gure Alemania gaixo eta errukarri honetan, dagoeneko ez dago eroslerik, eta orduan, jaun handi-mandiak aspaldiko bezeroez oroitzen dira eta bisitak egiten dizkiete… Nolanahi ere, nirekin ez zaude suerteko; gu, pentsiodun dohakabeok, pozarren gara ogi-koxkor bat dugunean ahora eramateko. Ezinezkoa zaigu zuen prezio ikaragarri horiekin lehiatzea… Jokoz kanpo gaude, betiko. Gaizki ulertu zidala esan nion, ez nintzaiola ezer saltzera etorri, kasualitatez heldu nintzela auzora eta ez nuela aukera galdu nahi berari bisitaldi bat egiteko, kontuan izanda, bidenabar, gure etxearen bezeroa izan zela makina bat urtez eta, gainera, Alemaniako bildumagile gailenetakoa ere bazela. Azken hitz hauek esateaz batera, “Alemaniako bildumagile gailenetakoa”, aldaketa arraroa sumatu nuen agurearen bisajean. Tente eta geldi jarraitzen zuen logelarekin erdian, baina bat-bateko argitasun-espresioak eta barne-harrotasunak bere figura animatu zuten. Emaztea zegoen lekurantz zuzendu zen, honakoa esan nahiko balu bezala: “Entzuten duzu”, eta ahots alaiz, ordura arte erabilitako doinu irmo eta militarra alboratuz, hau esan zidan goxo-goxo eta amultsuki: - Benetan eskertzen dut zure adeitasuna… Ez duzu alperreko bidaia egin. Egunero ikusten ez den zerbait ikusiko duzu… ezta Berlinenen ere… Albertinan edo ditxosozko Paris horretan baino ikusi ez daitekeen zerbait… Bai, hirurogei urtez ibiliz gero bildumak egiten gauza asko lortu ahal dira, kalean botata ez dauden gauzak alegia. Luisa, emadazu armairuko giltza! Bat-batean, ezusteko zerbait gertatu zen. Emazteak, senarraren ondoan zegoena eta adeitasun irribarretsuaz jarraitu zuena gure solasaldia, bi eskuak altxatu eta ezezko keinua egin zuen buruaz, eta nik ez nuen ezer ulertu. Orduan, senarrarengana urreratu eta eskuak jarri zizkion leunki sorbalda gainean. - Baina Herwarth –purrusta egin zion-, ez diozu bisitariari galdetu astirik ote duen bilduma ikusteko, dagoeneko eguerdia da. Bazkalostean ordubeteko atsedena hartzea agindu zizun sendagileak. Ez al da hobea bazkaldu eta gero ikustea bilduma? Eta, ostean, kafea hartu dezakegu. Ordurako Annemarie ere etxean egongo da, ondo baino hobeto ezagutzen du bilduma eta lagundu egin zaitzake zeregin horretan. Eta berriro ere, hitzok esan ostean, erregu-keinua errepikatu zuen emazteak. Eta orduantxe ulertu nuen guztia: berak nahi zuen nik ez nezala berehala bilduma ikusi, horrexegatik asmatu nuen hitzordu bat bazkaltzeko. Esan nuen plazer handia izango zela niretzat bere bilduma ikustea, baina ezinezkoa zitzaidala hirurak baino lehen egitea, eta hiruretan pozaren pozez agertuko nintzela. Jostailu kuttunena kentzen zaion umea bezala haserretu zen agurea, eta hauxe esan zidan. - Ulertzen dut –esan zuen marmarka-, Berlingo handi-mandiek sekula ez dute astirik ezertarako. Baina oraingoan denbora beharko duzu, ez baitira hiruzpalau pieza, hogeita zazpi karpeta baino, bakoitza artista diferente batena eta bat ere ez erdi beteta. Ondo da, hiruretan elkartuko gara, baina izan puntual, bestela ez dugu amaituko-eta. Eta eskua luzatu zidan berriro ere. - Ikusiko duzu, plazer handia izango da zuretzat … edo disgustua. Eta zenbat eta disgustu handiagoa zuk are pozago ni. Horrelakoxeak gara bildumagileak: dena guretzat eta deus ez besteentzat! –Eta eskua luzatu zidan indartsu. Emazteak atera lagundu ninduen. Sumatua nion, lehentsuagotik, deseroso samar zegoela, beldurrez-edo. Atondoan zegoela, hitz hauek zezeldu zituen ahots apalez: - Inportako litzaizuke gure alaba Annemariek jasoko bazintu gurera etorri baino lehen? Hobe da… hainbat arrazoi tarteko… Hotelean bazkalduko duzu, ezta? - Bai, ados nago. Plazer handia izango da niretzat. Eta halaxe, ordubete geroago, bazkaria amaitu berritan Azoka Plazako hotelaren jangela txikian, urteetan aurrera zihoan andere bat sartu zen jangelan, dotore jantzia eta jakingurazko begiradaz. Berarengana hurbildu, nire burua aurkeztu eta prest nintzela berarekin batera bilduma ikusteko esan nion. Berak, ordea, erabat ahalke eta bere ama bezain aztoratuta, esan zidan nahiago zuela lehenago pare bat hitz egin nirekin. Berehala jabetu nintzen kosta egiten zitzaiola hitz egitea. Zerbait esaten saiatzen zen aldi oro gorritu egiten zen goitik behera, eta eskua ere endredatu egiten zitzaion soinekoaren tolesturetan. Azkenean, baldar eta zalantzakor, esan zidan: - Amak bidali nau zu ikustera… gertatutakoa kontatu dit… eta mesede handi bat eskatu nahi dizuegu… gure aita ikusten joan baino lehen… azaldu nahi dizuegu… Aitak nahiko du, normala den moduan, bere bilduma erakutsi… baina, bilduma… bilduma… ez dago osorik… zenbait pieza falta dira… egia esan, pieza asko falta dira. Airea hartu zuen berriro, eta arrapalada baten esan zidan: - Garbi hitz egin behar dizut… Jakitun zara garai gogorrak bizi ditugula, horrexegatik ulertuko duzu esango dizudana… Aitak ikusmena galdu zuen gerra hasi zenean. –Aurretik ere arazoak zituen, askotan kale egiten baitzion, baina gerra pizteaz batera itsu geratu zen. Bere asmoa zen, nahiz eta hirurogeita hamasei urte izan, Frantziako frontera joatea, baina armadaren jazarraldiak 1870ekoak baino motelagoak izanik, aitak disgustu handia hartu zuen, eta hortxe hasi zen ikusmena galtzen. Nolanahi ere, gaitz horretaz aparte, aita osasuntsu dago; duela gutxi arte orduak eta orduak ibiltzen zen paseoan, eta bere ehiza kuttunari ere ez zion muzin egiten. Gaur egun, ordea, ezin du ibilaldirik egin, eta bere bildumak baino ez du asebetetzen. Egunero ikuskatzen du… hobeto esanda, ez du ikusten, dagoeneko ez baitu ezer ikusten, baina arratsero ateratzen ditu karpeta guztiak eta laminak ukitzen ditu, bata bestearen atzean eta beti ordena berean, buruz baitaki aspalditik zelan sailkatuta dauden… Hori besterik ez zaio axola gaur egun, eta nik egunkariek enkanteei buruz esaten dutena irakurri behar izaten diot, eta prezioek zenbat eta gorago egin, bera zoriontsuago da… zeren… hauxe da larriena, aitak ez daki ezer gure garaiko prezioez… ez daki dena galdu dugula eta bere pentsioaz hilean bi egun baino ezin gaitezkeela bizi… Gainera, nire ahizparen senarra frontean hil zuten, eta ahizpak lau ume hazi behar ditu… Baina gure aitak ezer ez daki gure arazo materialez. Hasieran dirua aurrezten hasi ginen, geroz eta gehiago, baina alperrik zen. Orduan, gauzak saltzen hasi ginen, baina bere bilduma kuttuna ukitu barik… Geneuzkan bitxi apurrak saldu genituen, baina, Alajainkoa!, txakur handirik ere ez zitzaigun geratzen, aitak guztiak enplegatu baitzituen arte-laminak erosten. Eta orduan, zer saldu ez genuela… eta zer egin ez genekiela… orduan… amak eta biok pieza bat saldu genuen. Aitak ez zigun egundo baimenik emango, baina berak ez daki gauzak zein gaizki dauden, ez daki zein zaila den merkatu beltzean jatekorik aurkitzea, eta gerra galdu dugula ere ez daki, Alsazia eta Lorena entregatu behar izan dugula ere ez… Egunkaria irakurtzen diogunean ez diogu holakorik aipatzen, kezkatu ez dadin. –Pieza baliotsua saldu genuen, Rembrandt-en grabatu bat. Antikuarioak milaka marko eskaini zizkigun, eta pentsatu genuen horiekin zenbait urtez iraungo genuela. Baina, badakizu, dirua urtu egiten da… Sobratu zitzaiguna bankuan sartu genuen, baina handik bi hilabetera guztia xahutu genuen. Beste pieza bat saldu behar izan genuen, eta gero beste bat, baina antikuarioa atzeratu egiten zen dirua bidaltzen, eta heltzen zenerako galdua zuen bere balioa. Saiatu ginen enkanteetara joaten, baina han ere iruzur egin ziguten, nahiz eta prezioak ikaragarriak izan… Milioiak heltzen zirenerako gure eskuetara, balio gabeko paperak bilakatuak ziren. Honela, apurka-apurka, desagertuz zihoazen bildumako piezarik ederrenak. Aparteko piezak baino ez genituen salbuetsi, bizimodu oinarrizkoena segurtatze aldera, eta gure aitak ezer ere ez zekien. –Horrexegatik asaldatu da ama agertu zarenean… zeren aitak karpetak erakutsi balizkizu dena agerian geratuko zen… izan ere, ukituaz bakarrik ezagutzen dituen aspaldiko passe-partouts horietan jarri dizkiogu saldu ditugun orijinalen erreprodukzioak edo antzeko laminak. Ukitzen eta zenbatzen dituenean (buruz daki zein ordenetan dauden) pozarren jartzen da, begiak zabalik ikusten zituenean bezainbeste. Hiri txiki honetako inori ez lioke gure aitak bere altxorrak erakutsiko, ez baiteritze aski duin ikusten horretarako… eta horren sutsuki maite ditu bere laminak ezen bihotza hautsiko litzaioke jakingo balu dagoeneko desagertuak direla bere eskuetatik. Dresdeneko grabatuen bildumako zuzendari zaharra hil zenetik, eta igaro dira urte batzuk ordudanik, zu zara bere bilduma ikusteko ohorea duen lehena… Horrexegatik, zinez eskatzen dizut… Bat-batean, andere edadetuak eskuak jaso zituen eta begiek distira bustiaz bete zitzaizkion. - … horrexegatik eskatzen dizugu… ez gaitzazula zorigaiztoko egin, ez aita ez gu… Ez hondatu bere azken ilusioa… Lagun gaitzazu aitari sinestarazten berak deskribatuko dizkizun lamina guztiek hor jarraitzen dutela… Zerbait sumatuko balu hondoratu egingo litzateke. Agian ez dugu ondo jokatu berarekin, baina ez genuen beste aukerarik: bizi beharra zegoen… Aita, ama, ni, eta ene ahizparen lau umezurtzak, grabatu batzuk baino garrantzitsuagoak dira… Gaur arte ez diogu bere plazera lapurtu; bera zoriontsu da arratsaldero bere karpetak hiru orduz darabiltzanean esku artean, pertsona batekin arituko balitz bezala hitz egiten dio pieza bakoitzari. Eta gaurkoa… gaurkoa bere bizitzako egunik zoriontsuena izango litzateke, aspaldiko urtez baitago zain bere piezarik kuttunenak aditu bati erakusteko. Mesedez eskatzen dizut… ez ezazu bere zoriona hondatu! Hain modu hunkigarrian egin zituen hitzok ezen ezin baitut hitzez adierazi. Ene Jauna! Arte-saltzaile naizen aldetik pertsona asko ikusi ditut dohakabeki lumatuak, inflazioak era erdeinagarrian astinduak, ogitarteko baten truke familia-ondare ikusgarri eta balio handikoak ostu dizkiotenak; baina oraingo honetan halabeharrak kasu berezi bat jartzen zidan aurrez aurre, barru-barrutik inarrosten ninduena. Normala denez, isilik izango nintzela agindu nion nire solaskideari eta nire esku zegoen guztia egingo nuela. Elkarrekin joan ginen etxera. Bidean gindoazela haserre biziz enteratu nintzen erosleek zeinen zikoitz eta iruzurti jokatu zuten emakume dontsu eta ezjakin hauekin, eta horrexek bultzatu ninduen emakumeok azkenera arte laguntzera. Eskailera igo eta atea zabaltzeaz batera agurearen ahots goxoa entzun genuen: - Aurrera! –itsuek oi duten belarri finaz baliatuko zen eskaileran gorako gure pasuak entzuteko. - Herwarth lo egin ezinik egon da bere altxorrak erakusteko gogoari ezin eutsiz -esan zuen barrezka emazteak. Alabaren begiradak nire intentzioen berri eman zionean lasaitu egin zen. Mahai gainean zeuden karpetak bata bestearen gainean, eta itsuak nire eskua sentitzeaz batera besotik heldu eta besaulkian eserarazi ninduen. - Ondo da, hasi egingo gara; asko dago ikusteko, eta Berlingo jaunek inoiz ez dute denbora nahikorik. Lehenengo karpeta hau Durero maisuarena da eta, ikus dezakezunez, nahiko osotua dago… pieza bat ederra bada hurrengoa are ederragoa. Zuk zeuk ikusi, esaterako, hemen dago zaldi handia! –esan zuen karpetako lehen lamina erakutsiz. Eta halaxe atera zuen karpetatik, zerbait hauskorra manipulatzen den arreta berberaz. Hatz-puntez ukitu zuen kontu handiz, passe-partout bat zen, barruan lamina huts bat zuen, hori kolorekoa, eta eskuetan eusten zion baliorik gabeko paperari bozkario handiz. Zenbait minutuz egon zitzaion begira, ikusten ez bazuen ere; lamina hutsa begi parean jarri eta adi-adi begiratzen zion, eta bere aurpegiak ikusteko gauza den pertsonaren keinua adierazten zuen magikoki. Eta bere begietan, bere begi-nini hiletan, bat-batean, argi-distira islatu zen, argi orojakilea –paperaren erreflexua zen edo barrutik zetorkion sua? - Zer diostazu? –esan zuen harro asko-. Ikusi al duzu inoiz estanpa ederragorik? Detaileak zehatzak dira oso, argitsuak. Dresdeneko piezarekin alderatu dut lamina hau, baina Dresdenekoa askozaz difusoagoa da, pobreagoa. Eta ez du ez askazi makala! Begira. -lamina jiratu zuen eta atzazalarekin atzealdeko posizioak markatu zituen, eta bertan agertzen ziren zeinuak ikusi nituen-. Hemen da Nagler bildumaren zigilua, hemen Remy eta Esdaile-rena; inoiz ez zuten pentsatuko lamina honen behinolako jabeek hona helduko zela, gela txiki honetara. Hotzikara batek astindu zidan bizkarra agureak orrialde zuria horren sutsuki deskribatzen zidala entzutean. Ikaragarria zen ikustea azazkalarekin nola markatzen zituen, zehaztasun milimetrikoarekin, bere fantasian baino existitzen ez ziren bildumagileen zigilu ikusezinak. Eztarria ikaraz lotua nuen, ez nekien zer esan; baina nahasmen honetan murgildua nintzela, begirada jaso nuen emakumeengana eta, berriro ere, emazte zaharra ikusi nuen eskuak goian eta keinu ikarati eta aztoratua egiten zidala. Indarrak berreskuratu eta hitz egiten hasi nintzen. - Ikaragarria! –esan nuen-. Pieza ezin hobea da. Agurearen aurpegia harrotasunez argitu zen. - Hau ez da ezer –esan zuen garaipen-doinuz-. Begira hauek, «Malenkonia» edo «Pasioa», argiz beteta daude, gutxitan ikusiko duzu kalitate honekin. Begira, -eta, berriro ere, atzamarrak pasatu zituen irudizko eszenatik- begira freskotasun hau, tonu bero eta pikortsu hau. Berlingo arte-merkatariak eta museoetako adituak zoratu egingo lirateke. Bi ordutik gora jarraitu zuen erakustaldi liluragarri eta berritsu honek. Ezin deskriba dezaket zein lazgarria egin zitzaidan ehun edo berrehun paper zuri eta erreprodukzio merke horiek berarekin batera ikustea; nolanahi ere, inozo tragiko honen oroimenean hain ziren benetakoak piezok ezen akatsik gabe eta zegokien ordenan deskribatzen baitzituen, pieza bakoitzari zegozkion detaileak erantsiz. Bilduma ikusezina, dagoeneko barreiatua egon behar zuena han-hemen, errealitate hautemangarria zen itsu honentzat, gizon honentzat, engainatu hunkigarri honentzat, eta hain zen indartsua bere ikusmenaren sua ezen ni ere sinesten hasia bainintzen ikusi egiten zuela. Behin baino ez zen agurearen segurtasuna arriskuan izan: Rembrandt-en «Antiope» deskribatzen hasi zenean (prezio ikaragarri handia izango zuen pieza, dudarik gabe), grabatuaren zehaztasuna aitatu zuen eta, horretan ziharduela, bere atzamar urduri eta iragarleak plantxaren lorratza jarraitu zuten ohiko goxotasunaz, baina bere ukimen-nerbio zorrotzek ez zuten inongo aztarnarik aurkitu lamina gainean. Laino moduko bat igaro zen bere kopetatik, eta ahotsak estropezu egin zion. - «Antiopea» da, ezta? –xuxurlatu zuen aztoratu samar. Lamina eskuetatik kendu nion eta gogo biziz hasi nintzen ondo baino hobeto ezagutzen nuen laminaren detaile guztiak deskribatzen. Zaharraren aurpegi nahasia argitu egin zen. Zenbat eta laudorio gehiago egiten nituen nik, orduan eta ageriago zintzotasun alaia eta adeitasun zinezkoa gizon ihar haren aurpegieran. - Orain bai! Gizon honi esker orain badakizue zenbat balio duten nire laminek. Haserre egin didazue beti diru guztia bildumara bideratzen nuelako; egia da, hirurogei urtetan ez garagardorik, ez ardorik, ez tabakorik, ez bidaiarik, ez bisitarik antzokira, ez libururik… beti aurrezten eta aurrezten aritu izan naiz obra hauek eskuratzeko. Baina ikusiko duzue ni ez naizenean: aberatsak izango zarete, hiriko aberatsenak, Dresdeneko aberatsenak bezain aberats, eta orduan eskertu egingo didazue nire eromena. Baina bizirik naizen bitartean ez da lamina bakar bat ere aterako etxe honetatik; lehenengo ni aterako naute, eta gero bilduma. Eta hori esateaz batera bere eskuek maitekiro laztandu zuten, bizirik baleude lez, aspalditik hutsik zeuden karpetak. Ikaragarria zen eta, aldi berean, hunkigarria, izan ere, gerrako urte guzti hauetan, ez nuen inoiz espresio hain absoluturik, hain aratzik, hain dohatsurik hauteman alemaniar baten begitartean. Zaharraren alboan emaztea eta alaba zeuden, maisu alemaniarren estanparen irudi femeninoak ziruditela. Estanpako emakume haiek, Salbatzailearen hilobia bisitatzera etorriak, harri eta zur geratzen dira hilobia irekita eta hutsik dagoela ikustean, izu otzaneko espresioaz eta, aldi berean, mirariarekiko estasi errukiorra eta fedezkoa erakutsiz. Eta halaxe zeuden ama-alabak ere. Grabatuko emakumeak Salbatzailearen intuizio zerutiarraz argituta zeuden bezala, ama-alaba zaharkitu, nekatu eta dohakabe hauek ere agurearen zorion infantilaz argituta zeuden, eta lur jota, erdi barrezka, erdi negarrez. Ez dut inoiz espektakulu hunkigarriagorik ikusi. Zaharra ez zen nire laudorio-hitzez aspertzen, karpeta bat hartu, gero beste bat eta, beti ere, gogotsu entzuten nire berbak. Atsedena hartu nuen, azkenean, karpeta iruzurtiak alboratu zituztenean eta zaharrak lekutxoa egin zuenean mahaian kafe hartzeko. Nolanahi ere, ezin alderatu daiteke hartu nuen lasaitua karpetak alboratuak izateagatik agurearen bozkario zalapartatsuaz, hogeita hamar urte gaztetu zen gizon horren euforiaz. Milaka anekdota kontatu zituen bere erosketa eta salmentez. Jaiki egin zen, laguntzari muzin eginez, eta beste lamina bat erakutsi zidan, eta gero beste bat: animatuta eta hordituta zegoen, ardoa edan balu bezala. Azkenean, alde egin behar nuela esan nuenean, ikaratu egin zen, mainak egin zituen ume baten moduan eta, haserre bizi, kolpe bat eman zuen hankarekin zoruan, bildumaren erdia ere ez nuela ikusi esanez. Ama-alabek eginahalak egin behar izan zituzten alde egiten utzi nezan, bestela, trena galduko bainuen. Onartu zuenean alde egin beharra nuela, gogor erresistitu ostean, eta agur egiteko ordua heldu zenean, ahotsa leundu egin zitzaion. Eskuak hartu zizkidan eta bere atzamarrek adierazkortasun handienaz laztandu zituzten nireak eskumuturreraino, nigandik gehiago ezagutu nahiko balute bezala eta hitzekin esan ezin daitekeena maitasunez adierazi nahiko balu bezala. - Poz handia eman didazu zure bisitarekin –esan zuen egundo ahaztuko ez dudan barren-barreneko emozioaz-. Pozaren pozez izan naiz, azkenean, aditu batekin begiratu ditudalako nire lamina maiteak. Baina itsu honi egin diozun bisitaldia ez zaizu alperrekoa izango. Ene emaztea lekuko dela, agintzen dizut nire testamentuan klausula bat sartuko dudala nire bildumaren enkantea zure etxe ohoretsuari enkargatzeko. Altxor hau administratzeko ohorea izango duzu –eta eskuak jarri zituen karpeta hustuen gainean- harik eta barruan dagoena munduan zehar sakabanatzen den arte. Agindu egidazu katalogo ederra egingo duzula: ene oroitarria izanen da, ez dut besterik behar. Emazteari eta alabari begiratu nien, zutik zeuden eta elkarren ondoan. Bazirudien dardara bat pasatzen zela noizbehinka batetik bestearengana, gorputz bakarra balira bezala eta emozioak ere partekatuko balituzte bezala. Ni ere handitasun-sentsazio batez bete nintzen inozo maitagarriak bere bilduma ikusezin eta aspaldi sakabanatuaren administrazioa enkargatu zidanean, altxorraren zaindari bihurtu banindu bezala. Hunkiturik, inoiz bete ez nezakeena beteko nuela agindu nion. Eta berriro ere argia piztu zen bere begi-nini hiletan. Bere amultsutasunak fisikoki atrapatu nahi ninduela sentitu nuen: samurtasunez mintzo zitzaidan, bere atzamarrek maitasunez ukitzen ninduten, eta nire atzamarrekin gurutzatzen ziren eskerroneko keinuan. Ama-alabek ateraino lagundu ninduten. Ez ziren hitz egiten ausartzen, zaharraren belarri finak guztia atzemango baitzuen. Baina, zein adeitsuak ziren malkotan izanik ere! Zein eskerronekoak niri zuzendutako begiradak! Eskaileretan behera jaitsi nintzen, zorabiatu samar. Barren-barrenean lotsatuta nengoen: ipuineko aingerua bezala, jende urrikaldu baten etxean sartu nintzen, itsu batek ordu batez ikus zezala lortu nuen, engainatzaile errukior eta gezurti lotsagabearen papera eginez, eta hau guztia neuk egin nuen, artelan baliotsu batzuk azpikeriaz eskuratu nahian etorri zen merkatari zikoitz honek. Hala ere, hori baino gehiago neraman: garai latz eta triste hauetan bizipoza sentitu nuen berriro ere, izpirituak transferitu eta gure garaiko gizon-emakumeek aspaldi ahaztu bide duten artelanetan ardaztutako estasi moduko bat. Eta debozioa sentitu nuen (ezin dut beste era batean adierazi), nahiz eta aldi berean lotsatu egiten nintzen, zergatik ez banekien ere. Kalean nengoen etxearen goialdean leiho bat ireki zenean zalaparta handiz. Nire izenez deitzen zuten, eta bai, bera zen, zaharra, bere begi itsuekin nire norabidea jarraitzen zuena. Horrenbeste aurreratu zen leihoan ezen ama-alabek kontu handiz heldu behar izan zioten. Zapia astinduz hauxe oihukatu zuen: - Bidaia on, adiskide! –esan zuen mutiko baten ahots alaiaz. Ez dut inoiz irudi hau ahaztuko: Ile urdindun zaharraren aurpegi zoriontsua han goian, leihoan, kaleko gizaki haserretu, grinatu eta lanpetuen gainetik hegaldatzen; delirio onbera baten laino zuriak gure mundu erreal eta nardagarritik gozo-gozo aldentzen zuela. Eta aspaldiko esaldi zaharra eta zehatza etorri zitzaidan burura (uste dut Goetherena dela): «Bildumagileak jende zoriontsua dira». Ipuin kontalaria Saki Bero handia egiten zuen arratsalde hartan eta, horregatik, tren bagoiko giroa ere sargoria zen, eta gainera, oraindik ordubete falta zen hurrengo geltokira heltzeko: Templecombe. Bagoian neskato txiki bat, beste bat gazteagoa eta mutiko bat zeuden. Izeba, alde batean jarrita zegoen eta bestaldean berriz, taldekoa ez zen mutilzahar bat. Hala ere, bagoia okupatu, neskatoek eta mutikoak okupatzen zuten. Izebak eta umeek funtsa handirik gabeko elkarrizketa etengabean ziharduten, mandeuli gogaikarriak bezala. Izebak ezetz, umeek ea zergatik ez; hauexek ziren solasaren oinarriak. Mutilzaharrak ez zuen ezer esaten. “Ez egin hori Cyril!” oihukatu zuen izebak, mutikoak jarlekuaren almohadatxoa astintzean, bagoia hautsez betetzen baitzuen. “Etorri hona eta begiratu lehiatilatik” jarraitu zuen. Mutikoak gogo handirik erakutsi ez bazuen ere, lehiatilarantz abiatu zen. “Zergatik eramaten dituzte ardiak beste zelai horretara?” galdetu zuen. “Behar bada, beste horretan belar gehiago egongo da” erantzun zuen izebak gogorik gabe. “Baina hemengoan belar ugari dago” erantzun zion haserre. “Belarra baino ez dago-eta. Izeba, hemengoan belar ugari dago”. “Behar bada beste horretakoa hobea izango da” bota zuen izebak arretarik jarri gabe. “Zergatik?” ezinbesteko galdera berriz ere. “Hara, begiratu behi horiei!” oihukatu zuen izebak. Trenbidearen inguruko zelai guztiak behiz eta idiz beterik zeuden, baina izebak, umearen arreta desbideratu nahian edo, gauza bitxia balitz bezala adierazi zuen. “Zergatik da hobea beste zelai horretako belarra?”ekin zion umeak. Mutilzaharrak kopeta zimurtu zuen. Sentiberatasunik gabeko gizona da, zakarra, pentsatu zuen izebak. Ondoren, beste azalpen hoberik emateko ezinean ikusi zuen bere burua. Neskato gazteena “Mandalayrako bidean” errezitatzen hasi zen, giroari barre ikutua ematen ziola. Lehenengo lerroa baino ez zekien, baina hala ere, probetxu handia ateratzen zion. Behin eta berriz errepikatzen zuen esaldi bera, eztiki eta aldi berean errime. Halako gisaz ezen, mutilzaharrarri iruditzen zitzaion, norbaiten erronkari erantzunez ari zela neskatoa leloa bi mila aldiz jarraian eta ozenki errepikatzen. Eta apusturik egin izan balitz, zalantzarik gabe, neskatoa aterako zen garaile. “Etorri nire ondora, ipuin bat kontatuko dizuet” esan zuen izebak mutilzaharrak zenbait begitu jaurti zituenean, bi izebari eta beste bat berriz, zerbitzua deitzeko sokari. Umeak izebaren aginduari jarraituz, izeba jarrita zegoen bagoiaren tokirantz abiatu ziren, ideia oso gogoko ez bazuten ere. Ez zuten asko preziatzen ipuin kontalari gisa. Ahopeka hitz egiten zuen, ia isilean, eta entzuleek hamaika aldiz mozten zioten narrazioaren ildoa, galdera zalapartatsu eta lotsagabeak eginez. Hala ere, interesik eta gatzik gabeko neskato on baten gaineko ipuinarekin jarraitu zuen. Hain zen ona gure neskatoa, ezen mundu guztia zuen lagun, eta honela, azkenean, bere izaeraren goresle ziren hainbat zerbitzarik zezen basati baten atzaparretatik askatzea erdietsi zuten. “Eta hain ona izan ez balitz, salbatuko ote zuten?” galdetu zuen neskato zaharrenak. Horixe bera zen mutilzaharrak galdetu nahi izan zuena. “Bai, noski” esan zuen izebak gogo txarrez, “baina hain ona izan ez balitz, ez dut uste hain arin joango zirenik laguntza ematen” “Entzun dudan ipuinik inozoena da” bota zuen neskato zaharrenak uste osoz. “Hasiera baino ez dut entzun, oso tentelegia baita” esan zuen Cyril-ek. Neskato gazteenak ez zuen komentariorik egin, izan ere aspaldi ekin baitzion bere lelorik maiteena errepikatzeari. “Ez duzu arrakasta handirik kontalari gisa” esan zion bat-batean mutilzaharrak bere zokotik. Oharkabean harrapatu zuen izeba halako erasoak, eta berehala erne jarri zen. “Oso zaila da, umeek ulertuko eta aldi berean gogoko izango duten ipuina kontatzea” bota zuen brast. “Ez nago ados” esan zuen mutilzaharrak. “Behar bada zuk zeuk kontatu nahi diezu ipuin bat” erantzun zion izebak. “Hori, kontatu ipuin bat” eskatu zion neskato zaharrenak. “Bazen behin” hasi zen mutilzaharra, “Bertha izeneko neskato zinez ona”. Umeen hasierako arreta, apurka-apurka desagertzen hasi zen, kontalaria kontalari, ipuin guztiek hasiera berdin-berdintsua baitzuten. “Agintzen zioten guztia egiten zuen, inoiz ez zuen gezurrik esaten, ezta jantzirik zikindu ere, pudinak mermeladazko pastelak legez jaten zituen, ikasgaiak bikain barneratzen zituen eta ondo hezita zegoen.” “Polita al zen?” galdetu zuen neskato zaharrenak. “Ez zuek bezain polita” esan zuen mutilzaharrak, “baina nazkagarri ona zen”. Azken esaldi honek, istorioarekiko arreta berpiztu zuen umeengan: nazkagarri hitzak ontasunari itsatsirik, halako erakargarritasun misteriotsu bat sortzen zuen. Izebaren ipuinetan agertzen ez zen sinesgarritasuna ematen zion. “Hain zen ona” jarraitu zuen mutilzaharrak, “ezen medaila ugari irabazi baitzituen eta, kateorratzaz josita, paparretik eskegita eramaten zituen. Bata, agindutako guztia betetzen zuelako; bestea, beti garaiz heltzen zelako eta hirugarrena, portaera ona zuelako. Metalezko medaila handiak ziren eta oinez zihoala, batak bestea jotzean, dilin-hotsa egiten zuten. Herrian ez zegoen hainbeste medaila zituen umerik, beraz, guztiek zekiten ikaragarri ona zela.” “Nazkagarri ona” azpimarratu zuen Cyril-ek. “Jende guztiak hitz egiten zuen bere ontasunari buruz eta lurralde hartako Printzeak haren berri izan zuenean, astean behin, herriaren kanpoaldean zuen jardinean ibiltzeko baimena eman zion. Jardina ederra zen eta umeak ezin ziren bertan sartu, beraz, ohore handia zen Bertharentzat.” “Ardirik ba al zegoen?” galdetu zuen Cyril-ek. “Ez” erantzun zion mutilzaharrak, “ez zegoen ardirik”. “Zergatik?” aurreko erantzunaren ezinbesteko galdera. “Ez zegoen ardirik” hasi zen mutilzaharra, “zeren Printzearen amak amestu zuen bezala, bere semea ardi batek erasota edo hormako erloju bat gainera jausita hilko baitzen. Ondorioz, etxean ez zuen ez ardirik ezta erlojurik ere.” Izeba harri eta zur gelditu zen. “Eta azkenean, ardiren batek edo gainean eroritako erlojuak hil ote zuten printzea?” galdetu zuen Cyril-ek. “Oraindik bizirik dago, hortaz, ez dago jakiterik ametsa egia bilakatuko denentz” esan zuen axolarik gabe. “Hala ere, ardirik ez bazegoen ere, batetik bestera korrika zebiltzan txerri ugari zegoen” “Zein koloretakoak ziren?” “Batzuk beltzak eta buru zuriak, besteak zuriak orban beltzekin, beste batzuk ostera, beltz-beltzak, baita grisak orban zuriekin ere, eta azkenik, zuri-zuriak zirenak ere bazeuden”. Kontalariak eten bat egin zuen umeen irudimena jardinaren barneko bitxikerietan murgil zedin. Ondoren, ipuinarekin jarraitu zuen: “Bertha oso goibel sentitzen zen jardinean lorerik ez zegoelako. Hara joan aurretik, begiak malkoz beteta zituela, izebei zin egin zien, ez zuela Printze onberaren lorerik hartuko, eta halaxe, hitza gordetzeko asmoa zuen. Baina lorerik ez zegoenez, gure neskatoa barregarri gelditu zen.” “Zergatik ez zegoen lorerik?” “Txerriek guztiak jan zituztelako” esan zuen mutilzaharrak berehala. “Lorazainak zera esan zion, ezinezkoa zela aldi berean loreak eta txerriak izatea. Orduan, Printzeak txerriak aukeratu zituen.” Printzearen erabakiak oso harrera ona izan zuen umeengan, izan ere, gehienek beste aukera hartuko zuten seguraski. “Jardinean, bazeuden bestelako gauza atseginak ere: urdin, berde eta urre koloreko arrainez beteriko umaelak, bat-batean esaldi zorrotzak botatzen zituzten papagaiak eta egun osoan kantu-kantari aritzen ziren kolibriak. Bertha hara eta hona zebilen atsegin handiz eta zera pentsatu zuen; ”Hain ona ez banintz, ez nuke aukerarik izango jardin honetara sartzeko eta hemen dagoen guztiaz gozatzeko”, eta aurrera jarraitzean, medailen dilin-hotsak zenbateraino ona zen gogorarazten zion. Orduantxe, otso bat agertu zen txerritxoren bat afaltzeko asmoz.” “Zein koloretakoa zen?” galdetu zuten umeek, bat-batean piztutako interesak bultzatuta. “Lokatz kolorekoa goitik behera, mihi beltz eta begi grisekin, ankerkeria azaltezinaren ispilu. Lehenik eta behin, otsoak, Bertha ikusi zuen, amantala hain zuri eta garbia zuenez, urrunetik ikus baitzezakeen. Bertha otsoa beragana zuzen-zuzenean zetorrela konturatu zen eta orain, aldiz, jardinera sartzeko baimena lortu izanak nahigabetu egiten zuen. Korrika hasi zen, ahalik eta arinen, eta atzetik otsoa, salto eta oinkada ikaragarriak eginez. Azkenean, mirto sasi zarratu bat ikusi eta haren atzean ezkutatu zen. Otsoa sasitzaren inguruan usaintzen hasi zen, mihi beltz handi hura ahotik eskegita eta begi gris zurbilek amorru bizia erakusten zutelarik. Berthak beldur ikaragarria zuen eta bere buruari esan zion: “Hain ona izango ez banintz, orain herrian egongo nintzateke arriskutik kanpo”. Nolanahi ere, mirtoaren usain gogorrak ez zion aukerarik ematen otsoari Bertharen gordelekua deskubritzeko, eta gainera, sasitza hain zen zarratua, ezen denbora luzez inguruan bueltaka ibilita ere, ez bailuke inondik inora neskatoaren arrastorik ikusiko. Hortaz, neskatoa alde batera utzi eta txerritxo bat harrapatzea hobe zuela pentsatu zuen. Otsoa hain hurbil ikustean, Bertha dardara batean hasi zen eta, honela, paparrean zeramatzan medailak ere dardarka hasi ziren. Portaera ona izateagatiko medailak obedientziaren eta puntualtasunaren medailen kontra jo zuen. Otsoa etsita zegoen, baina medailen dilin-hotsa entzutean, gelditu egin zen bat-batean, adi-adi, hotsa sasitzatik baitzetorren. Bat-batean sasitzara salto egin zuen, garaipen gosezko begi gris zurbil eta ankerrekin, eta Bertha handik arrastaka atera ondoren, oso-osorik irentsi zuen. Utzi zuen bakarra hauxe: oinetakoak, jantzi zarpail batzuk eta ona izateagatik irabazitako hiru medailak.” “Txerritxoren bat hil al zuen?” “Ez, ihes egin zuten guztiek” “Hasiera kaskarra du” esan zuen neskato gazteenak, “baina bukaera benetan bikaina da.” “Entzun dudan istoriorik politena da” esan zuen neskato zaharrenak uste osoz. “Entzun dudan ipuin polit bakarra da” esan zuen Cyril-ek. Izeba ez zetorren bat. “Egon badago ipuin egokiagorik umeei kontatzeko! Urte askotako irakaspen arduratsuak zapuztu dizkidazu.” “Nolanahi ere” esan zuen mutilzaharrak gauza guztiak hartuta eta joateko prest, “umeak hamar minutuz isilik egotea lortu dut, zuk lortu ez duzuna alegia” “Emakume gizajoa!” pentsatu zuen, Templecombe-ko geltokiaren nasatik zihoala. “Txarrena da umeek horrelako ipuin desegokiak eskatuko dizkiotela hurrengo sei hilabeteetan.” Printze zoriontsua Oscar Wilde (egokitzapena) Hiriko eraikin guztien artean Printze Zoriontsuaren estatua gailentzen zen. Urrezkoa zen goitik behera; begiak zafiroak ziren, eta ezpata-burua errubi gorri batez hornitua zegoen. “Haize-orratza bezain ederra da” –esan zuen nagusien kontseiluko buruak, “baina ez da oso praktikoa”. “Zergatik ez zara Printze Zoriontsua bezalakoa?” esan zion ama batek ilargia eskatzen ari zitzaion seme negartiari-. “Printze Zoriontsuak ez du egundo negarrik egiten”. “Pozten naiz ikusteaz munduan badela zorionez beteriko norbait”, xuxurlatu zuen gazte desengainatu batek estatuari begira. “Aingeru itxura dauka”, esan zuten hospizioko umezurtz batek. Gau batez, enara txiki bat hegaldatu zen hiri gainetik. Bere ahizpak Egiptora joanak ziren duela sei aste, baina bera geratu egin zen inguruko palmondo batez maitemindu zelako. Udaberri hasieran aurkitu zuen erreka ertzean. Hain zen lerdena palmondoa ze enara geratu egin zen berarekin hitz egiteko. “Maite zaitut”. Esan zion enarak. Eta palmondoak, bizkarra makurtuz, erreberentzia egin zion. Orduan, enara jira-biraka hasi zen palmondoaren inguruan. Pirueta konpasatuak eskaini zizkion, sinfonia baten antzera: andante, allegro ma non troppo, molto vivace… “Baina zertan ari zara?” esan zioten beste enarek. “Negozio ederra egingo duzu txakurraundirik bako maitale horrekin! Horrek diru gutxi eta senide ugari”. Eta halaxe zen, inguru guztia palmondoz beterik baitzegoen. Udagoiena heldu zenean enara guztiak Afrika aldera joan ziren. Orduan, enara maitemindua bakarrik sentitu zen, eta aspertuta ere bai bere maitalearekin: “hain da isila! gainera, seguru haizea ere gatibatu nahian dabilela. Gurea ezinezkoa da, bera hortxe beti, kieto, eta ni ibili zale”. Azkenean, ezinbesteko galdera egin zion enarak: “etorri nahi duzu nirekin?”. Baina palmondoak ezetz esan zion adarrei eraginez. “Agur” xume bat esanda alde egin zuen enarak. Piramideen gainetik igaro ostean, hirira heldu zen. Ostatu bila aritu zen harik eta Printzearen estatua ikusi zuen arte: “Hementxe hartuko dut ostatu, leku ederra da eta ondo aireztatua gainera”. Honela, Printze Zoriontsuaren magalean pausatu zen. Loak hartzeko zegoela, ur-tanta bat jausi zitzaion gainera. “Hau bai arraroa”, esan zuen. “Zeruan lainorik ez eta euri-tantak jausten ari dira”. Orduan beste tanta bat erori zen. “Hau gehiegi da, zertarako behar dut estatua bat euritik babesteko ez bada?” esan zuen. “Alde egin beharko dut hemendik”. Baina hegaz hasi orduko, hirugarren tanta bat erori zen. Orduan, gorantz begiratu eta zer ikusiko eta, Printze Zoriontsuaren begiak negarrez ikusi zituen. “Nor zara zu?” galdetu zion enarak. “Printze Zoriontsua naiz” erantzun zuen. “Orduan, zoriontsua bazara, zergatik ari zara negarrez?” berriro ere enarak. Eta printzeak bere historia kontatu zion: “Bizirik nintzelarik, gizona nintzelarik, bozkarioz beteta bizi nintzen. Ez nekien zer zen negar egitea. Lorategietan dostatzen nintzen, eta saloi handietan ibiltzen nintzen dantza hona eta dantza hara. Horrexegatik deitzen zidaten nire herrikideek Printze Zoriontsua, benetan nintzelako zoriontsua. Eta halaxe bizi nintzen, eta halaxe hil nintzen. Eta orain, hemendik goitik, herriaren miseria guztiak ikusten ditut. Bihotza berunezkoa badut ere, negar egiten dut”. “Berunezkoa? Ez al zen ba urrezkoa estatua osoa” esan zuen berekiko enarak printzea sentiberago ez jartzeko. “Hemendik goitik txabola triste bat ikusten dut –hasi zen Printzea, “Barruan emakume bat dago mahai aurrean eserita. Ondoan bere semetxoa dago, gaixorik: kalentura dauka. Enaratxo maitea, eramango zenioke andreari nire ezpata-buruko errubia?” Eta enarak: “Egiptora joan behar dut. Zain dauzkat nire adiskideak”. “Enaratxo, enaratxo. Geratu nirekin, gaurko gaua baino ez da izango” “Ondo da” esan zuen enarak, “hotz egiten du hemen, hala eta guzti, gaurko honetan zurekin geratuko naiz, eta mezulari-lana egingo dut”. Orduan, enarak Printzearen errubia hartu eta herriko teilatu gainetik igaro zen harik eta txabola tristera heldu zen arte. Umeak kalenturarekin jarraitzen zuen, eta ama, nekearen nekez, lo zegoen. Enarak, jostunaren titara ondoan utzi zuen harribitxia. Eta umearen gainean hasi zen hegalditxoak egiten, hegoekin umearen bekokiari haize ematen. “Hau freskura” esan zuen umeak. “Badirudi sendatu egin naizela”, eta loak hartu zuen. Enara, orduan, Printze Zoriontsuarengana itzuli zen, eta zer egin zuen kontatu zion. Gero, erreka aldera jo zuen bainu txiki bat hartzeko. “Hau bai bitxia” esan zuen ornitologia irakasleak, “Neguan enarak, otrotanto!”. Eta fenomeno antinatural honi buruzko artikulu luze bezain ulergaitza idatzi zuen herriko gazetan. Egunez hortik zehar ibili ostean, gaua abaildu zenean berriro itzuli zen estatuaren babesera. “Zer moduz Printze? Ba al duzu enkarguren bat Egiptorako?” “Enaratxo, enaratxo, geratu zaitez nirekin, gaurko gaua baino ez da izango. Han, Barrenkalean, gazte ameslari bat ikusten dut bere etxeko ganbaran, mahai gainean abailduta eta paperez inguratuta. Antzerki-lan bat dauka amaitzeko, baina hotz gehiegi egiten du idazten jarraitzeko. Tximinian surik ez dago, eta sabela hutsik dauka.” “Ondo da” esan zion enarak. “Gaurkoagatik geratuko naiz. Ekatzu beste errubi bat” “Ez daukat errubi gehiago. Begiko zafiroak baino ez zaizkit geratzen, Indiatik ekarri zituzten duela mila urte baino gehiago. Kendu egidazu zafiro bat eta emaiozu gazteari.” “Printze maitea” esan zuen enarak “nik ezin dut holakorik egin”, eta negarrez hasi zen. “Enaratxo, egizu nik esandakoa” Orduan, enarak, Printzeari begi bat kendu eta gaztearen ganbarako mahai gainean utzi zuen. Gaztea esnatu zenean, han ikusi zuen harribitxia. “Azkenean norbaitek estimatu du nire lana. Miresleren bat izango da” esan zuen gazteak inoiz baino animosoago. Enarak, enkargua egin ostean, portu aldera egin zuen. “Egiptora noa” esan zien portuko marinelei, baino inork ez zion jaramonik egin. Gauean Printzearengana itzuli zen. “Enaratxo, enaratxo, geratu zaitez nirekin, gaurko gaua baino ez da izango. Han, Zeharkalean, neskato bat ikusten dut pospoloak saltzen. Pospolo guztiak jausi zaizkio, eta etxera dirurik eroaten ez badu, aitak jo egingo du. Horrexegatik dago neskatoa negarrez. Enaratxo, kendu egidazu beste begia eta emaiozu neskatoari”. “Printze maitea” esan zuen enarak “nik ezin dut holakorik egin”, eta negarrez hasi zen. “Enaratxo, egizu nik esandakoa” Orduan, enarak, Printzeari beste begia kendu eta neskatoarengana joan zen. Suabe-suabe, zafiroa utzi zion sorbalda gainean: zafiroa neskatoaren eskuetaraino irristatu zen. Akabo negarrak eta estualdiak! Enara Printzearengana itzuli zen. “orain, itsu zaudenez, zurekin geratuko naiz betiko.” “Ez enaratxo” esan zuen printze koitaduak, “Egiptora joan behar duzu”. “Esana dago: zurekin geratuko naiz betiko” errepikatu zuen enarak. Eta printzearen oinetan lokartu zen. Biharamunean, Printzearen sorbalda gainean pausatu eta urrutiko parajeetan ikusitakoa aritu zitzaion kontatzen, esaterako, mundua bezain zaharra den esfinge jakintsuarena; gameluen martxa geldoan doazen merkatariena; ebanoa bezain beltza den Mendietako Erregearena; palmera baten gainean lo datzan sugetzar berdearen kontuak, eta beste hainbat holako. “Enaratxo, maitea” esan zion Printzeak, “benetan ederra da kontatzen didazuna, baina nahiago dut gizon-emakumeek sufritzen dutena ezagutzea. Egintzazu hegaz herri gainetik eta kontaidazu ikusten duzuna”. Enara hegazka hasi zen: aberatsak ikusi zituen euren jauregietan, eta eskekoak aberatsen ateetan. Ume gosetiak ikusi zituen herriko kale gorrienetan hotza pasatzen. Ume bi ikusi zituen bata bestearen ondoan elkarri beroa ematen. “Hau gosea”, umeek “Alde hemendik”, ostera, ingurua zaintzen zuen guardia batek. Enara Printzearengana joan zen eta ikusitakoaren berri eman zion. Eta Printzeak: “Urre-gorri finez nago estalita, kendu egizkidazu urre-kapa guztiak eta emazkiezu pobreei”. Eta halaxe egin zuen enarak: urre-kapa guztiak kendu zizkion, eta Printze Zoriontsua distirarik eta edertasunik gabe geratu zen. Urrea pobreen artean banatu zuen, eta umeen begitarteetan bozkarioa baino ez zegoen dagoeneko. “Badugu zer jana!” oihukatzen zuten pozarren. Hortik gutxira elurra iritsi zen, eta gero izotza. Kaleek, distiraren distiraz, zilarrezkoak ziruditen: Etxeetako hegaletan izotzezko kandelak zeuden zintzilik. Umeak, berriz ere dostari, izotz gainean irristatzen ziren. Enaratxoa, ostera, hotz zen, baina ez zuen Printzea bakarrik utzi nahi: bihotz-bihotzez maite zuen. Ogi-mamiak biltzen zituen okinaren ate aurrean, eta hegoei eragiten zien gorputza berotu nahian. Baina azkenean konturatu zen hiltzera zihoala. Azken indarrak bildu eta Printzearen sorbaldan pausatu zen. “Agur, Printze maitea” xuxurlatu zuen, “musukatu ahal dizut eskua?” “Pozten naiz azkenean Egiptora zoazela ikusteaz” esan zuen Printzeak. “Denbora luzez izan zara nirekin, horregatik, eskuan ez, ezpainetan emoidazu musua, nik ere maite zaitut-eta”. Eta enarak: “Ez noa Egiptora, heriotzaren etxera noa. Heriotza eta ametsa ahizpak omen dira.” Eta Printze Zoriontsuaren ezpainak musukatu eta bere oinetan erori zen hilik. Orduan, harrabots izugarria atera zen estatuaren barrualdetik. Berunezko bihotza bi zatitan puskatu zen. Ikaragarrizko hotza egiten zuen. Hurrengo goizean, egunero lez, Herriko Nagusien Kontseilua batu zen Plaza inguruan. Kontseilu-buruak, abesbatzako korifeoa bailitzan, estatuari begiratu eta hauxe esan zuen: “Ze itxura negargarria daukan Printze Zoriontsuak!” “Benetan negargarria” esan zuten korokoek. “Negargarria baino okerrago, eskekoa ematen du” esan zuen korifeoak. “Hori, hori, eskekoa” korokoek. “Gainera” esan zuen nagusiak, “txori bat dago hilda estatuaren oinetan. Bando bat atera beharko dugu txoriak hona hiltzera etorri ez daitezen debekatuz”. Kasualki, inguruan zebilen Udaletxeko idazkariak, papertxo baten apuntatu zuen Herriko Nagusien kontseilu-buruak esandakoa. Halaxe, behera bota zuten Printze Zoriontsuaren estatua, eta fundidu egin zuten. Orduan, kontseilu-buruak, Herriko Nagusien Kontseilua deitu zuen hurrengo egunerako, estatua zaharretik lortutako metalarekin zer egin zezaketen erabakitzeko. Eta hauxe okurritu zitzaion: “beste estatua bat egin dezakezu, esate baterako, nirea”. “Edo nirea” esaten zuten aldi berean gainerako kontseilu-kideek. Eta halaxe jarraitzen dute oraindik ere, eztabaida hutsean. Bitartean, “hau bai bitxia” esan zuen Fundizioko enkargatuak. “Berunezko bihotz honek ez du urtu nahi, zaborretara bota beharko dugu”. Eta zabortegira bota zuten, enara hila zetzan zabortegira hain zuzen ere. “Ekarridazuz hiriko bi gauza ederrenak” eskatu zion Jainkoak aingeruetako bati. Eta aingeruak berunezko bihotza eta txori hila ekarri zizkion. “Ondo aukeratu duzu” esan zuen Jainkoak, “enara paradisuko lorategian ibiliko da kantari, eta Printze Zoriontsuak nire laudorioak errepikatuko ditu”. Markoa Saki - Ez dut batere gogoko emakume horren hitz egiteko modua –esan zion Clodoveok kazetari lagunari-. Beti dabil esaka koadro batzuk “azaleraino sartzen direla”, legena balira bezala. - Henri Deplis-en historia gogorarazten dit –esan zuen kazetariak. Ez al dizut inoiz kontatu? Clodoveok ezetz egin zuen buruaz. - Henri Deplis, jatorriz, Luxenburgoko Dukerri Handiko hiritarra zen. Asko pentsatu eta gero merkataritza-bidaiari moduan hasi zen lanean. Merkatal egitekoek Dukerri Handiko lurraldez haratago eraman zuten behin baino gehiagotan. Italiako iparraldeko hiri batean zegoela albiste bat heldu zitzaion etxetik: urruneko ahaide baten herentzia tokatu zitzaion. Ez zen aparteko dirutza, ezta Henri Deplis moduko pertsona xume batentzat ere, edozein modutan, itxura baten kalterik gabea zirudien oparotasunean murgildu zen. Honela, bertako artea sustatzen hasi zen, alegia, Andrea Pincini signorearen tatuaje-lanak. Pincini jauna Italiak egundo izan duen tatuaje-maisu handiena zen, baina bizitzaren gorabeherek horrenbeste xaxatu zuten ezen, 600 liberaren truke, Henri Deplis bere bezeroaren bizkarra tatuatzen hasi baitzen, sorburutik gerriraino, Ikaroren erorialdia maisuki marraztuz. Grabatua amaitu ostean, etsitu samar agertu zen Deplis jauna, zeharo konbentzituta baitzegoen, Ikaro, Wallenstein jeneralak Hogeita Hamar Urteko Gerlan irabazitako gotorleku bat zela. Hala ere, gustura geratu zen lanarekin. Marrazkia ikusteko pribilegioa izan zutenen iritziz, Pinciniren maisu-lan handiena zen. Pinciniren ahaleginik neketsuena eta hondarrekoa izan zen. Lana kobratzeko asti barik, artista miresgarria beste mundura joan zen. Hilobia bi kerubin hegaldunez apaindua zegoen, lekurik apenas uzten ziotenak horrenbeste maite zuen artea praktikatzeko. Baina Piniciniren alarguna geratzen zen, eta seiehun libera zor zizkioten. Inoizko krisirik handienean murgildu zen Deplis jauna. Herentzia txikituz zihoakion apurka-apurka; kantitate ziztrin bat baino ez zitzaion geratzen eta, ardo faktura bat eta beste zor txiki batzuk ordaindu eta gero, 430 libera baino ez zitzaizkion geratzen alargunari ordaintzeko. Emakumea haserre bizi zegoen, ez horrenbeste, berak esan bezala, 170 libera gutxiago ordainduko zitzaizkiolako, baizik eta bere senar zenduaren maisu-lana gutxietsi egiten zelako. Astebeteko epean, Deplis jaunak 405 liberara jaitsi zuen bere eskaintza, eta are haserreago agertu zen alarguna. Sasoi hartan, txutxu-mutxu bat heldu zen Deplis jaunaren belarrietara: alargunak artelana saltzea eskaini omen zion Bergamoko Udalari, eta Udalak onartu egin zuen. Deplis jaunak ahalik eta isilen alde egin zuen eskualde hartatik, eta atseden ederra hartu zuen beren egitekoek Erromara eraman zutenean, espero baitzuen inor ez zela ez beraz ez marrazki opetsuaz oroituko. Baina bizkarrean zeraman itsatsia hildakoaren talentua. Halako baten, bainu turkiar bateko korridore lurrundu baten zegoela, jabeak, Italiako iparraldekoa bera, arropak jantzi zitzala eskatu zion, erabat kontra baitzegoen Ikaroren erorialdi ospetsua publikoki erakusteaz Bergamoko Udalaren baimenik gabe. Zarraparra zabalduz zihoan neurrian jendearen arreta piztu zen eta zainketa-lanak ere areagotu egin behar izan ziren. Deplisi ezinezkoa gertatzen zitzaion, egunik beroenetan ere, itsasoan edo errekan bainuak hartzea: samarainoko bainu-jantzia eraman behar izaten zuen. Hortik gutxira, Bergamoko agintariek pentsatu zuten itsasoko ur gazia kaltegarria izan zitekeela artelanerako, eta agindu bat atera zuten Deplis jaunari itsasoan bainatzea erabat debekatuz. Zorionez, Deplisen merkataritza-etxeak beste herrialde batera bidali zuen lanera: Bordele ingurura. Pozak, hala ere, Italia eta Frantziaren arteko mugaraino baino ez zion iraun. Agindu ofizial baten arabera, ukatu egin zitzaion Italiatik ateratzea, eta jakinarazi zioten erabat debekatuta zegoela artelan italiarren esportazioa. Lanean hasi zen Luxenburgo eta Italiako gobernuen arteko diplomazia. Une batez, laino beltzak agertu ziren Europako zeruan, gatazka piztu zitekeenaren seinale. Italiako gobernuak bere horretan jarraitzen zuen; ez zitzaion batere axola Deplis-en etorkizuna ezta oraina ere, baina ez zuen inondik inora onartuko Ikaroren erorialdia artelana, Bergamoko Udala izanik jabea, Italiatik ateratzerik. Zalaparta motelduz joan zen, baina Deplis koitadua, nahiko lotsakorra berez, zurrunbiloaren erdian aurkitu zen berriro ere hilabete batzuk geroago. Aleman bat agertu zen, arte aditua nonbait, Bergamoko Udalaren baimena lortu zuena artelan ospetsua aztertzeko. Bere ustez, Ikaroren erorialdia Pincini faltsu bat zen, ziurrenik maisuarekin ibilitako ikasleren batek egina. Esan beharrik ez dago Deplisen lekukotzak ez zuela ezertarako balio, marrazkia ziztatu zioten tarte luzean narkotikoen efektupean egon baitzen. Italiako arte-aldizkari baten zuzendariak ezeztatu egin zituen aditu alemaniarrak esandakoak eta eginahalak egin zituen adituaren bizitza pribatua duintasunetik urrun zebilela frogatu nahian. Italiak eta Alemaniak piztu zuten suziria eta gutxira Europa osoa sartu zen eztabaidan. Itzelezko liskarrak bizi izan ziren Espainiako parlamentuan eta Kopenhage Unibertsitateak urrezko domina oparitu zion aditu alemaniarri, nahiz eta, gerora, batzorde bat eratu zuen frogak tokian bertan aztertzeko. Parisen, bestalde, bi ikasle poloniarrek beren buruaz beste egin zuten gertakariaz zuten iritzia plazaratzeko. Bitartean, artista dohakabeak maldan behera jarraitzen zuen eta inor ez zen harritu anarkista italiarren bandora pasatu zela jakiterakoan. Gutxienez lau aldiz jarri zuten Italiako fronteran, atzerritar arriskutsu eta fidagaitza zela argudiatuz, baina bueltan bidali zuten behin eta berriro, Ikaroren erorialdia antzeztea egokituko balitzaio bezala. Azkenik, Genovako kongresu anarkista baten zegoela, kamarada batek, eztabaida sutsuaren erdian, likido korrosibo bat jaurti zion bizkarrera. Jantzita zeraman alkandora gorriak gutxitu egin zituen kalteak, baina Ikaroa erabat desitxuratuta geratu zen, ez ezagutzeko moduan. Erasotzaileari errieta gogorra egin zioten kamarada anarkistari eraso egiteagatik, eta zazpi urteko kartzela-zigorra jarri zioten altxor artistiko nazionala hondatzeagatik. Ospitaletik ateratzeko moduan izan bezain laster, Henri Depli fronteran jarri zuten atzerritar zitalaren etiketapean. Pariseko kale atseginetan bazabiltzate, batez ere, Arte Ederren Ministerioaren inguruan, itxura kuzkur eta etsituko gizon batekin egin dezakezue estropezu. Lehenengo berban erreparatuko diozue Luxenburgoko doinua duela. Uste du, edo horixe da bere ilusioa behintzat, Miloko Venusek galdutako besoetako bat dela, eta Frantziako gobernuak galdutako pieza erosiko duelakoaren esperantzaz bizi da. Gainerako guztian, erabat zentzuduna dela esango nuke. Sukaldaria Giovanni Bocaccio Entzun izango zenuten, ikusi ez baduzue ere, micer Conrado Florentziarra, betidanik izan zela gizon xahutzaile, liberal, eskuzabal, txakurzale, txorizale eta beste zaletasun askoren jabe. Egun batez, Peretola herrixka ondoan belaz-ehizan zebilela, kurrilo bat harrapatu zuen, eta pieza samurra eta sendoa zela ikusirik, bere sukaldariari eman zion kurriloa labean erre eta afarian zerbitza zezan. Sukaldaria, Veneziarra jatorriz eta izenez Chichibio, tontolapiko galanta zen. Kurriloa hartu eta labean erre zuen ondoen zekien bezala. Erdi erreta zegoela eta lurrin ezin goxoagoa jariatzen zuela, Brunetta izeneko auzoko emakume bat sartu zen sukaldean, Chichibioren maite-laguna alegia. Hegaztiari zerion erre-usain desiragarriak pieza dastatzeko irrika piztu zion emakumeari eta, halaxe, kurrilo-izter bat eskatu zion sukaldariari. Baina sukaldariak, trufa eginez, “ezinezkoa da, Brunetta andrea, ezinezkoa da” esan zion kanta-kantari. - Izterra ematen ez badidazu zin degizut ez dizudala mesederik txikiena ere egingo. Eztabaida txiki baten ostean, Chichibiok, bere maitale kuttunari atsekaberik ez eragiteko, izterra moztu eta eman egin zion. Egun hartan gonbidatu asko bildu ziren nagusiaren mahai bueltan. Kurriloa izter bakarrarekin zerbitzatu zuten. Gonbidatuetako batek, lehena konturatzean, harridura erakutsi zuen; orduan, Conradok, sukaldariari deitu eta beste izterra non zegoen galdetu zion. Veneziarra, gezurtia jaiotzez, atrebentzia osoz erantzun zion kurriloek hanka bakarra zutela. - Zer uste duzu zuk, kurrilo asko ikusitakoa naiz! –nagusiak. - Esan dizudana, nagusi jauna, egia berdaderoa da eta, nahi baduzu, bizirik dauden kurriloak ikusita erakutsiko dizut halaxe dela. Mahaikide guztiek barre egin zuten sukaldariaren okurrentzia entzunda, baina Conrado, mahai bueltan zeuden pertsona bereziekin adeitsu agertu nahirik, hauxe erantzun zion sukaldariai. - Tunante halakoa, zeure horretan jarraitzen duzula ikusita, alegia, nire bizitza osoan ikusi eta entzun ez dudana frogatu nahian, bihar bertan ikusiko dugu zuk diozuna egia ote den; baina kontrakoa frogatzen bada, zin degizut, luzaroan gogoratuko dituzula zure ergeltasuna eta burugogortasuna. Momentuz, bere horretan utziko dugu kontua: joan zaitez. Hurrengo egunean, Micer Conrado, gau osoan begiak itxi ezinik egon zena, egunsentiarekin batera jaiki zen, sumindua oso sukaldariekin. Zaldira igo eta sukaldariari agintzen dio bera ere zaldi gainera igotzeko eta atzetik jarrai zekiola. Errekatxo batera heldu ziren, erreka-ertzetan kurriloak egoten zirelako beti ordu horretan. - Ikusiko dugu bietako zeinek duen arrazoia –ziotson nagusiak. Veneziarrak ikusik nagusiak baretu gabe jarraitzen zuela, barkamena eskatzeko moduren bat pentsatzen aritu zen, baina alperrik. Alde egiteko gogoa piztu zitzaion, baina ez zuen horretarako adorerik, beldurra sorrarazten baitzioten nagusiaren mehatxuek. Gainera, zelan egin ihes nagusiak berak baino zaldi hobeagoa izanik? Horrela, ikaraturik begiratzen zuen alde guztietara, hanka biren gainean pausatuta zeuden kurriloak baino ez zekusan han-hemen. Erreka-ertzean dozena bat kurrilo ikusi zituen hanka baten gainean pausatuta, halaxe egiten badute lo daudenean. Segituan, hauxe diotso nagusiari: - Han! Bart esandakoa egia berdaderoa zen, ikusi kurrilo haiek, hanka bakarra dute den-denek. - Atoan frogatuko dizut bi dituztela –esan zion Conradok-; itxaron apur bat. Eta hegaztiengana hurbildu eta oihuka hasi zen: - Hu, hu, hu… Oihuok entzuteaz batera, kurriloak esnatu, bigarren hanka luzatu eta hegaka hasi ziren arin asko. - Beraz, tunante hori, -esan zuen nagusiak- zenbat hanka dituzte kurriloek, bat edo bi? Zer diozu orain? - Baina jauna -erantzun zion Chichibiok ataka honetatik zelan irten ez zekiela-, bart ez zenuen “Hu, hu, hu” egin; egin izan bazenu kurriloak bigarren hanka luzatuko zukeen, hemengo hauek egin duten bezalaxe. Erantzun burutsu hau micer Conradoren gustukoa izan zen, eta haserrea ere joan egin zitzaion. Barreari ezin eutsiz esan zuen: - Arrazoi duzu, Chichibio, zuk esan bezala egin behar nuen bart. Tira, barkatzen dizut, baino ez berriro holakorik egin. Halaxe, erantzun zoli bati esker, sukaldariak gaztigua saihestu eta nagusiarekin adiskidetu zen.
booktegi.eus JAVI CILLERO xake-jokalaria Antzerkia GAUAZ GENEVAKO PARKE BATEAN KARLOS CID ABASOLO Javi Cillero (Bilbo, 1961) Kazetaritzan lizentziatua da EHUn. Itzulpen Masterra egin zuen Deustuko Unibertsitatean, eta Nevadako Unibertsitatean PH.D-a erdietsi zuen Euskal Literaturan, euskal literaturako detektibe fikzioa gai hartuta. Euskal literaturari hainbat ekarpen egin dizkio sortzaile gisa, baita itzultzaile gisa ere (Mark Twain, Roald Dahl, Charles Dickens, Robert Bloch, Ross McDonald, Ernest Hemingway, Raymond Chandler eta Francis Scott Fitzgerald itzuli ditu euskarara), bi zereginak bere ibilbidean zeharo loturik egon direlarik. Haur eta gazte literaturan sortzaile gisa idatzi dituen lanak honako hauek dira: Eddy Merckxen gurpila (Zarauzko Udalak antolatutako Xabier Lizardi sariaren irabazle eta 1994an argitaratua), Thailandiako noodle izugarriak (2001), Kofi itsasora bidean (2001), eta Esne katilu batean ezkutatu egiten zen neska (2005). Helduen literaturari dagokionez, lau lanen egile dugu: Norena da Virginia City kronika-liburua (1995), Baiona blues ipuina (1996, Ignacio Aldecoa ipuin-lehiaketan irabazle), eta Hollywood eta biok (1999) eta Ero hiria (2005) narrazio bildumak, azken biak gaztelaniara itzuliak (Hollywood me mata, 2004, eta Ciudad de locos, 2008). Narratzaile ez ezik, antzerkigile ere bada, antzerkigile saritua eta argitaratua, inondik ere: Bere Uztailaren laua, Renon izeneko antzezlanak Donostia Hiria saria irabazi zuen 1999an eta horri esker urte berean izan zen plazaratua, baita –eta batez ere– antzeztua ere, 2000. urtean, Donostiako Antzoki Zaharrean, Mikel Garmendia eta Juan Cruz Gurrutxaga aktoreen eskutik eta Aitzpea Goenagaren zuzendaritzapean. Esku artean duzun liburu (digital) hau bere bigarren antzezlana da: Xake jokalariak, 2002an “Café Bar Bilbao” Teatro Laburreko Sarien II. edizioan irabazle izandakoa Kepa Gallegoren Sexua.org.asmoa antzezlanarekin batera. 2011n argitaratu zen paperezko edizioan, Artezblaik plazaratutako Teatro Laburreko Saria, Cafe Bar Bilbao 2001-2010 lan kolektiboan, eta lehenagotik dago Interneten irakurgai, http://www.teatro-testuak.com/ webgunean. Xake jolalariak ez da (oraindik) antzeztua izan, baina haren irakurketa dramatizatua egin zuten Arriaga antzokiko foyerrean, 2007ko martxoko 5ean, Jose Cruz Gurrutxagak, Iñaki Ziarrustak eta Peio Gutiérrezek, Mikel Martínezen zuzendaritzapean. Javi Cilleroren bi antzezlanen artean badira zenbait lotura: bien kokaguneak egilearen bizileku izan dira edo dira (Reno eta Geneva), biek bi pertsonaiaren arteko berriketa bat eta joko bat (dela xakea, dela apustua) dituzte oinarri, eta bietan bi pertsonaietako bat bestearentzat ezezaguna da. Xake jokalariak honek, bestalde, lotura estuak ditu, Javi Cillerok nahita bilatutakoak edo kasualitatezkoak, euskal literaturaren beste liburu batzuekin. Besteak beste: Bernardo Atxagaren Obabakoak narrazio-bilduma (xakearen eta bizitzaren arteko antzekotasuna azaltzean), Anjel Lertxundiren Otto Pette eleberria (solasaldi-egituran eta bi pertsonaietako bat bestearentzat ezezaguna izatean) eta Jon Miranderen Gauaz parke batean ipuina (Javi Cilleroren antzezlanak izenburu hori izan zezakeen Mirandek aurrea hartu ez balio). Era berean, Ingmar Bergmanen Zazpigarren zigilua filmetik ateratako pertsonaia bat dugu xakelarietako bat, erraz ezagutzen den sinbolismoaren tradizioan. XAKE-JOKALARIA Estudio txiki batean EMAKUME gazte bat eserita dago ohe ertzean, kaleko arropaz jantzita. Ilun dago gela, bakarrik argi txiki bat dago gau-mahaian. Alboan medizina flasko ugari eta edalontzi bat, urarekin. EMAKUMEA pilula pilo bat irensten ari da, bata bestearen ondoren. Bat, bi, hiru… hamar edo hogei pilula batera. Gero, EMAKUMEAK edalontzia hartu eta kolpe batean edaten du ura. Azkenean, ohean etzaten da buruz gora. EMAKUMEA ez da batere mugitzen. Bat-batean, PERTSONAIA BAT agertzen da EMAKUMEARI begira. Ez zaio aurpegia ikusten PERTSONAIA horri. PERTSONAIAK keinu bat egiten du eskuaz EMAKUMEAREN buruaren gainetik, laztanduko balu bezala. Eskuarekin zer edo zer zapaldu eta gero putz egiten du esku-ahurraren gainean. Orduan ikusten diogu tatuaje bat eskuan PERTSONAIA horri: hareazko erloju bat. Gero, PERTSONAIA gau-mahaiko argiaren ondoan gelditzen da. Argiak dar-dar egiten du, piztu-itzali batzuk, eta azkenean amatatzen da. Iluna. Argia dator berriro, baina orain parke batean gaude. Genevako Parc des Bastionsen xakelariak biltzen dira sarrera ondoko txoko batean. Zuriz pintatutako laukiez osatzen dute xake-esparrua lurrean, beltzez pintatutako laukiekin batera. Plastikozko irudi handi batzuk atonduta daude xakean egiteko: erregea, erregina, alfila, peoiak. AGURE bat eta JOKALARIA aurrez aurre daude elkarri begira. Une batez AGUREA eta JOKALARIA geldi-geldi geratzen dira piezei begira. Azkenean elkarrengana doaz eta bostekoa ematen diote elkarri. JOKALARIA: Berriz ere, berdindu. AGUREA: Bai. JOK: Sinestezina da. AGU: Ez pentsa. JOK: Bai, sinestezina da. AGU: Jokoa beti joko. JOK: Aspaldiko partez izan dudan areriorik gogorrena zaitut. AGU: Egia da? JOK: Bai. AGU: Bizitza osoan ibili naiz neure burua prestatzen. JOK: Ez duzu hain zaharra ematen. AGU: Oso engainagarria da itxura. JOK: Zeuk esaten baduzu… AGU: Baina zuk ere ondo jokatzen duzu eta gaztea ematen duzu. JOK: Ez pentsa. Oso engainagarria da itxura. AGUREA ondoko aulki batean esertzen da. JOK: Hasieran kili-kolo ibili zara, baina laster berotu zara. AGU: Etorri berria nintzen erietxetik. JOK: Inor bisitatzetik? AGU: Medikua ikustetik, hain zuzen ere. JOK: Zer daukazu? AGU: Azterketa sakon bat egin didate. Aipatu ezin daitekeen zer hori daukat. Isilunea. JOKALARIA aulkira hurbiltzen da, AGUREAREN ondora. JOK: Barkatu, ez nekien larria zenik. AGU: Nola jakingo zenuen, ba? Erizainek esan didate ostera bat egitera joateko. Aztoratuta zebiltzan denak, ez ninduten asaldatu nahi. Bihar goizera arte ez da espezialista etorriko eta alferrik nenbilen ospitalean. Hobe lo pixka bat hartzea. AGUREA eserlekutik jaikitzen da. JOK: Ez da ideia txarra. Nahikoa berandu da-eta. AGU: Baina lo eginez ez zait pasatuko. Medikuek esan dutenez, ez dut zer eginik. Hau edo bestea gertatuko da, baina nik ez dut zeresanik izango horretan. Ez onerako, ez txarrerako. Prozesuak aurrera egingo du eta kito. AGUREAK zigarreta bat ateratzen du, baina zalantzan dago. Azkenean, piztu egiten du. AGU: Dagoeneko, ez dio axola. Alabari deika ibili naiz baina ez zegoen etxean. Beharbada, motorrean joan da lagunarekin. Pentsatu dut taberna batera joatea, ardoa edatera. Bihar goizera arte alferrik nabil ospitalean. Oinez etorri naiz parkera, burua beste nonbait neukala. Konturatu gabe azaldu naiz betiko txokora, eta jokoan hasi naiz. JOK: Arratsalde osoa eman dugu jokoan. Isilune labur baten ostean AGUREAK jarrera aldatzen du. AGU: Tira, ekingo diogu berriro? JOK: Zuk nahi baduzu… AGU: Ez daukat zer egin hoberik. Eta zuk? JOK: Nik beti daukat zer edo zer esku artean. Baina itxarongo didate, itxaron behar didatenek. Azkenean, AGUREAK zigarreta itzaltzen du etsita eta zakarrontzira botatzen du. Beste partida bat jokatzeko prestatzen hasi dira. JOK: Dena den, harrigarri xamarra da: partida batzuk jokatu ditut kaleko xake-joko hauetan, eta erraz menderatu ditut aurkariak, zu izan ezik. AGU: Nortzuk izan dituzu aurkari? JOK: Jende xehea. Liburuzain bat, kriminaleko polizia bat, epaile bat. AGU: Ez nekien poliziek xake-jokoa maite zutenik. JOK: Polizia horrek bai. Maite zuen xakearen zehaztasuna. Benetako kasuetan, hau da, kalean, askoz ere nahasiagoak dira kontuak. AGU: Polizia bat xakean…. JOK: Ez zuen txarto jokatzen, baina irabazi egin nion. AGU: Eta lasai-lasai esan zizun polizia zela? JOK: Igarri egin nion. Ohituta nago jendearen aurpegia eta keinuak aztertzen. AGU: Ez da izango. JOK: Bai, horixe. AGU: Esango didazu zertan nabilen ni, orduan? JOK: Aise. AGU: Txantxetan ari zara. JOK: Ez, benetan. AGU: Tira, tira, ez adarrik jo niri. JOK: Egiaz eta begiaz ari naiz. AGUREA jaiki egin da eta jokalariaren aurrean ezartzen da. AGU: Zera, begipean ipini behar dizut aurpegia aztertzeko? JOK: Ez duzu zertan egin. Ezagun duzu zertan ibili zaren. AGU: Hara! JOK: Bai, ez duzu zertan keinu-meinurik egin. AGU: Eta? JOK: Zamalanak egin dituzu biltegi batean, baina orain erretiroa hartuta zaude. AGU: Nola dakizu? JOK: Egia da? AGUREA eseri egin da berriro, bizkarra emanda jokalariari. AGU: Bai… eta ez. JOK: Nolatan, bai eta ez? AGU: Ez duzula zehazki asmatu. JOK: Nahi duzu…? AGU: Jakina, zimurrei begiratuta, erraz atera daiteke erretiroa hartuta nagoela. JOK: Dudan jartzen duzu nire ahalmena? AGU: Ez, ez. Baina oso bestelako lanbidean aritu izan naiz. JOK: Adibidez? AGU: Arrantzalea nintzen. Laku ondoko herrixka batean. Oraindik ere arrain usaina darie nire hatz muturrei. AGUREAK eskua erakusten dio. JOKALARIA jaiki eta beren lekuan jartzen hasi da xake piezak, beste partida bat hasteko edo. AGUREA eserita dago. JOKALARIAK hankaz gora ezarri du erregea, nahita ezarri ere. AGUREA begira-begira gelditzen zaio. AGU: Horrela kokatu behar dituzu piezak? JOK: Zuk egia bihurtzen duzu. Nik, berriz, xakeko txotxongiloak. AGU: Ez izan zakarra. JOK: Zilegi zaizu gezurretan aritzea. Baina barru-barruan badakizu zuzen nabilela. Arrain-usain eta guzti. AGUREA jaiki da etsita. AGU: Bai, biltegi batean ibilia naiz. JOKALARIAK behar den moduan jartzen du pieza esku artean biratuz. AGU: Zorte kontua izan liteke, dena den. JOK: Ez horixe. Nik ez dut zorterik erabiltzen. Ez xakean ez beste ezertan. Xakeak arauak ditu. Eta jendearen jokaerak ere bai. AGU: Nola jakin duzu? JOK: Esan dizut, ohituta nago. AGU: Ohitura bitxiak dituzu. JOK: Ez uste hain zaila denik. Xakean aritzea baino errazagoa duzu. AGU: Baliteke. Xake-jokoa ez da mundu guztiarentzat egina. JOK: Ados nago. Nik ez dut edonorekin jokatzen. Batzuk denbora-pasa ibiltzen dira. Bizpahiru mugimendu egin eta akabo partida. Dorrea, erregina, zaldia… Ustel irteten zaizkit. Baina zuk badakizu jokatzen. Irudipena daukat nire zain egon zarela aspalditik. AGUREAK estropezu egiten du pieza batekin eta lurrera botatzen du. Gero, pieza jasotzen du eta bere lekuan kokatzen. AGU: Urteak eman ditut jokoan. Aitak irakatsi zidanetik. Hasieran pentsatzen nuen ez zuela ezertarako balio izango. Baina aitak esan zidan jokoaren gorabeherak ondo ikasiz gero, bizitza osoan baliatuko nuela ikasitakoa. JOK: Eta zer ikasi zenuen? AGU: Adibidez, behin urrats bat egindakoan, ez dagoela atzera egiterik. JOK: Zuhur jokatzen duzu. AGU: Eta epaileak? Zer moduz jokatzen zuen? JOK: Oso txarto. Iruzur egin nahi zidan. AGU: Eta? JOK: Harrapatu egin nuen. AGU: Txakurrarenak botako zenizkion. JOK: Isildu egin nintzen, utzi nion ziria sartzen neuri pare bat aldiz, eta hirugarrenean, jokaldi maltzur batez menderatu nuen. Goitik behera irauli zituen piezak, haserre. AGU: Astakeria galanta! JOK: Ezer gutxirako balio izan zion. Trikimailu guztiak ezagutzen ditut. AGU: Orduan, zergatik jokatu nahi zenuen epailarekin? JOK: Batzuetan, ezin aukeratu guk joko-laguna. Joko-lagunak berak aukeratzen gaitu. Baina nik ez ditut iruzurtiak atsegin. AGU: Nik egia aitortu dizut lehenago. JOK: Halabeharrez. AGU: Ez zara nitaz fidatzen? JOK: Zure egoeran dagoena ez da oso fidagarria, berez. AGU: Eta zein da nire egoera? JOKALARIAK erregina txiki bi ateratzen ditu patrikatik, zuria eta beltza. Erakusten dizkie biak AGUREARI eta esku batean biltzen ditu. Gero, beste eskuaz pieza bat hartu, AGUREAK ikusterik ez duela, eta aurrera daramatza esku biak ukabilean bilduta. Orduan ikusten zaio JOKALARIARI tatuaje bat eskuan: hareazko erloju bat. JOK: Zure txanda. JOKALARIAK irekitzen du eskuineko eskua eta erregina zuria azaltzen da. JOK: Zuria. Zeu hasiko zara oraingoan. Lekuz aldatzen dira. JOKALARIA pieza beltzen aldera doa, AGUREA pieza zurienera. Heldu baino lehenago gelditzen da. AGU: Egon pixka bat. Urrutira zirkuko musika aditzen da. AGU: Aditzen duzu? Ikuskizuna hasi da. JOK: Nolako ikuskizuna? AGU: Urtero-urtero zirkua etortzen da plaza honetara. JOK: Bai auzo harrigarria. Auzo magikoa, batzuen esanetan. AGU: Irudipena daukat ikusi zaitudala zirku inguruan. JOK: Baliteke, maite dut zirku mundua. AGU: Gauero bizitza arriskatzen duen jendea dabil hor. JOK: Bizitza edonon arriskatzen da, egia esatera. Nahikoa modu ergelean, batzuetan. Esaiozu, adibidez, polizia horri. Edo epaileari berari. AGU: Egunkarietan azaltzen direnak ikaragarriak dira. JOK: Dagoeneko, badirudi ez dagoela legerik munduan. AGU: Baina xake-jokoan arauak daude, behintzat. JOK: Bai, eta errespetatu egin behar dira. Nik partida sail bat jokatzen dut parke honetan urtero. Partida horiek jokatzeko denbora amaitzen denean atsedenaldia hartzen dut. Bitartean, dena da posible. AGU: Ni ez naiz inoiz etorri lehenago hona jokatzera. JOK: Eta beldur zara? AGU: Ez, ondo prestatuta nago-eta. Bizitza osoa eman dut ikasten. JOK: Ez da eginkizun makala, ez alferra ere. Xake-jokoaren arauak zorrotzak baina zehatzak dira. AGUREA pieza zuriak dauden lekuraino heltzen da. AGU: Gehiago ikasiz gero, menderatu egingo zaitut. JOK: Horrenbesteraino ez nuke esango. Baina saia zaitezte. Badugu denborarik. AGU: Partida horretan pare-parean ibili gara. Alabaina, hurrengoan zerbait ikasita daukat eta beharbada menderatuko zaitut. JOK: Nik ez dut inoiz jokoan galtzen. Gehienez, berdindu egingo dut batzuetan, harik eta neurea egin arte. AGU: Profesionala zara? JOK: Ez da hori nire ogibidea. Epaileak, poliziak… horiexek dira benetako ogibideak. AGU: Bai, badakit. Nik ez dut inoiz benetako ogibiderik izan. JOK: Zamalanak egitea ogibide horiek bezain duina da. AGU: Ez dakit, zuk esaten baduzu… AGUREA pieza zurien aldera doa, partida berria hasteko asmoz. Jokatzen hasten dira eta hala ibiliko dira aurrerantzean, partida amaitu arte. JOK: Zera… egingo zenuke berriro? Hau da, atzera gaztea izanda, hasiko zinateke zamalanak egiten berriro? AGU: Ez dut inoiz jakingo. JOK: Baina bururatu zaizu inoiz besterik egitea? AGU: Jakina. Garai batean herri txiki batera joatea bururatu zitzaidan. Arrantzan egitera. Txalupa txiki bat neukan, aitak emana. Arraina dago ugari lakuan, eta jateko beste atera daiteke. JOK: Arrantzaleak eta arrainak bata besteaz elikatzen dira. Arrantzalearen eginkizuna arraina biltzea da. Eta lehen, itsaso ondoko herrietan uretara botatzen zituzten hildakoen gorpuak. Beraz, etengabe dabil zikloa. AGUREAK zigarreta bat piztu du gogoetan bilduta. JOKALARIAK piezak mugitzen ditu. JOK: Zergatik ez zinen aldatu herrira? AGU: Badakizu, ardurak, egin beharrak. JOK: Adibidez? AGU: Dirua, eroso ibiltzea, koldarkeria. JOK: Ez zait iruditzen koldarra zarenik. AGU: Ez nauzu ondo ezagutzen. JOK: Ohituta nago jendearen keinuak eta zeinuak aztertzen. Esango nuke adoretsua zarela. AGU: Ez, benetan, ez naiz batere adoretsua. JOK: Beharbada, inoiz ez duzu aukerarik izan adoretsua zarela frogatzeko. AGUREAK JOKALARIARI begiratzen dio. AGU: Tira, egia esango dizut. Alabagatik geratu nintzen Genevan. Senide bakarra dut. JOK: Eta oso maite duzu, jakina. AGU: Jakina. AGUREA berriro murgiltzen da partidan. JOK: Alabak maitagarriak dira aitarentzat. AGU: Baina buruhauste asko ematen dituzte. JOK: Semeek ere bai, ez pentsa. AGU: Bai, baina alabak oso bestelakoak dira. JOK: Hala diote, behintzat. AGU: Egia da. Ez da erraz alaba bat zeure kabuz hazten. JOK: Ez da erraza izan behar. AGU: Egunero jaiki beharra, biltegira joateko. Hainbat urtez biltegiko hautsak jaten, ezertarako ere ez. JOK: Asko maitatu behar duzu alaba. AGU: Hogeita hamar urte eman nituen biltegian. JOK: Eta alaba hazita daukazu. AGUREAK keinu bat egiten dio jokalariari. JOK: Uste dut zure txanda dela. AGU: A, bai? JOK: Bai, ziur nago. AGUREAK dorrea mugitzen du, eta JOKALARIA urrutiratzen da jokaldia hobeto ikusteko. Aldi baten ondoren, eskuak sartzen ditu patrikan. AGU: Alabagatik geratu nintzen Genevan. JOK: Eta eutsi egin zenion lanari. AGU: Ezin alaba nora edo hara eraman. JOK: Badira bestelako moduak. AGU: Ondo eta egoki hezi nahi nuen alaba. Munduko zoko-moko guztiak ikusteko aukera eskaini nahi nion. JOK: Ez dituzu zuk ezagutu? AGU: Ez. JOK: Zergatik? AGU: Ez dio axola. Ez naiz Alpeetatik harantzago ibili. JOK: Esan nahi dut, zergatik irrika hori, seme-alabek gurasoek egin ez dutena egitekoa? AGU: Seme-alabak gurasoen katebegiak dira, azken batean. JOK: Edo gurasoak seme-alabenak, nondik begiratzen zaion. Etenaldia. AGUREA isilik geratu da, pentsakor. Ez du erantzuten. JOK: Bai, Darwin harro egongo litzateke horretaz. Baina gaur egun ez gaude ziur gurasoak eta seme-alabak jatorri berekoak ote diren. AGU: Baliteke gurasoek eta seme-alabek elkarrekin zerikusirik ez izatea, baina ni harro nago alabaz. JOK: Jakina, aita arduratsua zarenez. AGU: Alabak merezi zuen. JOK: Eta merezi du? Hau da, zoko-moko guztiak ikusi ditu? Saiatu da bazterrak ikusten? AGU: Bai, horixe. Patagonian eta guzti ibilia da. JOK: Patagonia… Urrun dago, bai. AGU: Motorrean joan zen lagun batekin. JOK: Patagonia polita da, dena den. Eremu zabal horiek, mortuak… Azkenean, gizakiak beti jotzen du eremura, lur mingotsa dagoen eremura.. AGU: Ez bat ez bi joan zen bidaian. Ez zidan ezer esan itzuli zen arte. JOK: Gazteen sekretuak. Beti ausart, mundua deskubritzeko irrikan. AGU: Bai, horixe. Neuk ere egingo nukeen. JOK: Baina ez zenuen egin. AGU: Alabagatik geratu nintzen biltegian. JOK: Dena den, aukera horiek ez dira egunero gertatzen. AGU: Oso aukera gutxi dugu bizitza goitik behera iraultzeko. JOK: Eta okerrena, irauli ustean ari dela, gizakia tronpatu egiten da. AGU: Hala uste duzu? JOK: Ziur nago, lagun, ziur nago. JOKALARIA eta AGUREA partidan murgilduta daude. Parkeko argiak pizten hasi dira, eta jendea lekuak husten. Azkenean, bakar-bakarrik geratu dira biak. Une batez, JOKALARIA itzuli eta aulkian eseri da. AGUREA xake jokoaren ondoan dago, piezei begira. Gero, JOKALARIARENGANA doa, hari eskua luzatzera. JOKALARIA eserita gelditzen da, ordea. AGU: Zera, kontu batek kitzikatzen nau. JOK: Esan, bada. AGU: Zera galdetu nahi nizun… Nola dakizu hain ondo jokoan? Zure ogibidea da? JOK: Poliziak, epaileak eta biltegietako arduradunak dira ogibideak. Nik nahiago dut eginkizun hitza erabili zer horretarako. AGU: Nola ikasi duzu, bada? JOK: Jendearen zeinuak eta keinuak aztertuz. Etengabe nabil jokoan, eta aspalditik trebatu naiz eginkizun honetan. Zuk baino askoz ere urte gehiago emanez eginkizun horri, halabeharrez. Badakizu? Eskuetan biltzen ditut ikusitako eta ikasitako gauza guztiak. JOKALARIAK bi eskuak erakusten dizkio AGUREARI. AGU: Hori bai zama neketsua. JOK: Ezin da ezabatu, harean egiten diren zirrimarren antzera. JOKALARIAK keinu bat egiten du eskuaz, lotan dagoen norbait laztanduko balu bezala. Hasieran ikusi dugun keinuaren antzekoa da. AGU: Dena da denbora kontua. JOK: Denbora eta nekea. Oso nekatuta nago dagoeneko. AGU: Bada, ez duzu hain zaharra ematen. JOK: Ez. Baina nekatuta nago, oso nekatuta. AGU: Esan, ez zaude aspertuta behin eta berriro jokatzeaz? Jendearekin hizketan ibiltzeaz? Bi aurkariak elkarri begira geratzen dira une batez, isilik. JOK: Segi hitz egiten, maite dut zure alabaren berri jakitea. AGU: Zuk ez duzu seme-alabarik? JOKALARIAK keinu anbiguo bat egiten du eskuaz, eta ez dakigu baiezkoa ala ezezkoa den. AGU: Argi pixka bat ematen diote bizitzari. JOK: Ez beti, ordea. AGU: Ez beti, ez betiko. Beti dugu bihotza urratzen digun konturen bat. AGUREA arin itzuli da xake jokoaren esparrura. Zutik gelditu da bere piezen atzean, han babestuta bailegoen. JOKALARIA jaiki eta xake jokoaren esparrura doa. Ilun dago parkean, baina biek jokatzen segitzen dute. AGU: Zer izango da nire alabaz, ilunpean? JOK: Argia ere ilundu egiten da, usterik gutxienean. Gogoan izan ilunpean bizi izan zela gizakia, lurrean agertu zenetik. AGU: Zer gertatuko da partida amaitzen denean? Hau da, nik galduz gero. JOK: Ezer ez da irteten guk uste dugun bezala. Horixe baino ez dizut esango. AGUREAK keinu bat egiten dio jokalariari, parkeko argi bati begira. Argia kili-kolo dabil, dardaraz, piztu-itzalika. Parkeko argia joan da behingoz. Orain aurkari biek nekez ikusten dute zer daukaten inguruan. JOK: Orain alaba hazita daukazu. Ziurrenik, maitemindu da baten batekin, eta kezkatuta zaude. AGU: Alaba askotan maitemindu da, baina ez nago kezkatuta horregatik. Alabak badaki bere burua zaintzen. Nik baino hobeto. JOK: Ez dute hori esango aita guztiek. AGU: Berdin zait. Halaxe da, badakit. JOK: Zerk kezkatzen zaitu, orduan? AGU: Zurekin topo egin izan ez banu, etxera joango nintzen. Leihoan izango nintzen, zigarreta bat erretzen. Edota zirku ondotik paseatzen. JOK: Baina nirekin topo egin duzu eta jokatzen hasi zara. AGU: Banuen beste irtenbiderik? JOK: Lo hartzea, inorekin mintzatzea. AGU: Lo hartzea, mintzatzea…: gizakiak asmatutako trikimailuak. JOK: Baina erabili beharrekoak minari ihes egiteko. AGU: Ni indartsua naiz, ez naiz minaren beldur. JOK: Eta alaba? AGU: Alabak laguntza beharko du. Nik ez nion irakatsi behar bezala ibiltzen. Eta ni ondoan ez banauka, nork irakatsiko dio? JOK: Ibilbide luze eta neketsua da, eta bakarrik egin beharrekoa. AGU: Gu biok bakarrik gaude munduan. JOK: Alabarekin dabilen lagun hori kontuan hartu gabe. Motorrean paseatzen duena. AGU: Bai, hori ere kontuan hartzekoa da. AGUREA eta JOKALARIA jokoan ari dira, poliki-poliki piezak mugituz. Estrategia jokoa darabilte, eta ez diote piezarik jaten elkarri. Edo behintzat, ez da oso ondo ageri piezarik jan ote dioten elkarri. JOK: Lehengo lepotik burua gabiltza, nonbait. AGU: Arratsalde osoan legez. JOK: Aukera bakarra geratzen zaizu berdinketa egiteko. AGU: Horrexek emango digu berriro jokatzeko irrika. JOK: Baina ez betiko, gogoan izan. AGU: Bai, gogoan daukat. Orduan, JOKALARIAK eskuaz laztantzen du zaldi bat, laukiaren txoko batean baztertuta zeukana. JOK: Seme-alabengatik sakrifizio handiak egiten dira. AGU: Ezagutu ez dituenak ez du hori ulertzen. Ni ez nintzen arrantzara joan, baina horrek ere ez zuen bestelako eraginik alabarengan. JOK: Inoiz ez duzu jakingo. AGU: Bai, badakit. Egia esan, lotsatuta nago. Ez diot nahi beste irakatsi alabari. Ez nizkion xakeko gorabehera guztiak azaldu, adibidez. Bizitzan aurrera egiteko behar direnak. JOK: Beharbada, bere kabuz ikasi ditu behar direnak... Egia esan, ez duzu zure alabaren bizitza goitik behera ezagutzen, ezta? AGU: Zer esan nahi duzu? JOK: Zure alabak sekretuak izango ditu. Ez dakit, Patagoniarako bidaian ezagutu zuen mutil hori, adibidez. AGU: Nola dakizu hori? JOKALARIAK keinu bat egiten dio esku batez. Hareazko erloju baten tatuajea daukan eskuaz, hain zuzen ere. Hala ere, ez du ezer esaten. AGUREAK jakin-min handiaz begiratzen dio. AGU: Zer gertatzen da mutilarekin? JOK: Mutil hori motorrean ibili da zure alabarekin gaur. Egunero irteten omen dira motorrean paseatzera. Ziurrenik, alabak gogor eusten dio mutilari motorrean dabiltzanean. Adibidez, kandela txiki bati eskuan eusten zaion bezala. Baina ez da nahikoa izango haizeak zakar jotzen duenean. Gaur, haize zakar batek jo du zure alaba. Mutilarekin hautsi du. Eta guztiz beheratuta etxeratu da. Lehenengo amodioaren kolpea izugarria da, zuk dakizunez. AGU: Nola… dakizu… hori? AGUREAK bere erregea botatzen du nahi gabe, eta lurretik jaso behar du. Maitasunez jasotzen du plastikozko pieza handia, benetako pertsona bat bailitzan. JOK: Oso erraz erortzen dira piezak xakean, kontuz ibili. AGU: Jendearen patua bezala, ezta? JOK: Bai. Nik neure eginkizuna bete behar dut. AGU: Uste nuen zu eta bion arteko kontua zela gaurkoa. JOK: Zurekin egiten ari naizena denbora-pasa baino ez da. Zure denbora ez da oraindik bete. AGUREAK zigarreta kendu du ezpainetatik, eta lurrean zapaldu. Gero, kontu handiz jaso eta paperontzi batera bota du. AGU: Eta nork mugitzen ditu jendearen piezak? Indar ezezagun batek? Eta batez ere, zergatik botatzen ditu lurrera? Apeta hutsez? JOK: Hori nik ezin dizut esan. AGU: Eta zergatik nire alaba eta ez ni? JOK: Hori ere ezin dizut esan. AGU: Ezin dut onartu. JOK: Damu dut, benetan. AGU: Ez! Hori ez! Badirudi AGUREAK handik alde egin nahi duela korrika, baina geldi-geldi dago. Izoztuta. AGU: Alaba dut munduko argi bakarra zahartzaroan. Bera gabe ez nuke bizi nahi. JOK: Zergatik tematzen da gizakia beti ere horretan? Zergatik eusten dio argi bakar bati? Beti kriseiluren bila, ilunpean ibiltzeko. Eta beti ahazten zaio haize zakar batek amatatuko duela kriseiluaren argia. AGU: Zer egin, orduan? JOK: Etsi, bada, etsi, ilunpean. AGU: Eta nahi badugu…? JOK: Nahia duzu gaitzen iturburua. AGU: Nahi gabe ez dago ezer. JOK: Oker zabiltza: nahi gabe, dena dago. AGU: Horiek filosofiak dira. JOK: Zergatik itsutzen da gizakia? Zergatik ez du ikusi nahi aurrean duena? AGU: Esan, orduan: zergatik? JOK: Nahiak ikusmena galarazten diolako. Gizakia itsututa bizi izan da aspaldiko garaietatik hona. Eta gaur egun, inoiz baino itsuago dabil. AGU: Bai, baina non dago argia? JOK: Ez dago argirik. AGU: Eta zer egingo dugu orduan? JOK: Etsi, bada, etsi. Gizakiak asmatu du argitasun kontu hori bere burua engainatzeko. AGU: Lan politak sortu ditu horri esker, sikiera:musika, pintura, arte guztiak… Ez dakit: poesia, dantza, literatura… JOK: Kontuak kontu, matematika eta zientzia guztia ere sar dezakegu zaku berean. Izan ere, argitasuna dute xede. (Etenaldia) JOK: Eta, zergatik ez?, xake-jokoa. (Etenaldia) JOK: Xake-jokoa gizakiaren argitasun irrika horren metafora duzu. Irrika bortitza eta hutsala. AGU: Eta, hala ere, jokatzen segitu behar. JOK: Baina ez betiko. Gogoan hartu. Isil-isilik dago kalea, nahiz eta gaugiro ederra izan. Urrutitik aditzen dira zirkutik datozen musika eta zarata, oso urrutitik. AGU: Aditzen duzu zirkuaren zarata? JOK: Bai. AGU: Heldua da trapezistaren txanda. JOK: Baliteke, nahikoa berandu da. Ikuskizuna amaitzen ibiliko da. AGU: Musikarekin batera igoko da trapezista karparen goialderaino. Danbor bat hasiko da dantzari, larruazal tenkatuaren kontra. Une honetan trapezista batek bere burua botako du pista erdira, eta zorte apur batez beste batek jasoko du trapeziotik. Baina inoiz ez jakin: baliteke jasotzailea nekatuta egotea, edota ardo pixka bat hartu izana afaltzean, zuzendariaren gomendioei muzin eginez. Eta trapezista bera ere zalantzan dabil indar nahikoaz jauzi egingo duen lagunaren besoetan erortzeko. Izan ere, zirku honetan ez dute inoiz sarea ipintzen trapezistak babesteko. JOK: Zera, berandu da. Amai dezagun partida. AGU: Itxaron. Adi egon. JOK: Utzi hori. Amaitu da zirkua. AGU: Ez, oraindik ez da amaitu. AGUREAK geldiarazi egin du JOKALARIA. AGUREAK besotik heldu dio JOKALARIARI, eta biak geratzen dira zain, erne. Zirkuko zarata ere itzali da une batez. AGUREAK gogor eusten dio besotik JOKALARIARI. Orduan, AGUREA lasaitu egin da, eta aske utzi du JOKALARIA. Berriz ere, zirkuko zarataren txaloak aditzen dira urrutitik, musikarekin batera. Une batez, badirudi JOKALARIAK besarkatu egin behar duela AGUREA, baina ez du zirkinik egiten. Gero, lehen bezain lasai mintzatzen zaio. AGU: Bai, amai dezagun partida. JOK: Berdin-berdin gelditu gara. Beste partida bat jokatu beharko dugu. AGU: Ez, partida hau amaitu behar dugu JOK: Barka, ez dizut ulertzen. Berdinketa eskaini dizut. AGU: Baina nik ez dut oraindik onartu. AGUREAK zaldia mugitzen du, erregea babesik gabe utzita. JOK: Ez da posible. AGU: Begira. AGUREAK erakusten dio jokaldia. JOKALARIA konturatu da AGUREAK nahita galdu duela, eta haserretu egin da. JOK: Ez da bidezkoa.. Ezin duzu hori egin. AGU: Egin dut, eta galdu dut partida. JOK: Alferrik ari zara. Nire eginkizuna betetzera joan behar dut. AGU: Ez duzu zertan inora joan zure eginkizuna betetzera. Elkarren kontra jokatu dugu partida, gogoratzen zara? Eta ni menderatu nauzu; beraz, nitaz arduratu behar duzu. JOK: Nik arauak bete behar ditut. AGU: Arauek diotenez, urtero partida sail bat jokatu behar duzu parkean. Eta behin partidak amaituta, atsedenaldia hartu behar duzu. Bada, oraingo partida amaitu da eta nitaz arduratu behar duzu. Beste inor kontuan hartu gabe. Jokoaren legeak, zuzenak baina zorrotzak. JOKALARIA eta AGUREA elkarren ondoan daude, xake esparruaren ertzean. Azkenean, biak sartzen dira esparrura, eta piezak txukun-txukun jasotzen dituzte. Horrela, prest egongo dira biharamunerako, jokalari berriak heltzen direnean. JOK: Ziur zaude hori nahi duzula? AGU: Nik ez dut zalantzarik. JOK: Ondo gogoan izan. Oraindik ere baduzu denbora apur bat gauza batzuk egiteko. Aspalditik egin gabe geratu zitzaizkizunak. Ez zenuen arrantzara joan nahi? Ez zenuen ikusi nahi zer dagoen Alpeez harantzago? AGU: Dagoeneko, ez dit axola. Alabagatik axola dit. Ez dit axola beste ezergatik JOK: Nekatuegi nago eztabaidatzeko. JOKALARIAK etsipenezko keinu bat egiten du. JOK: Esan nizun adoretsua zinela. AGU: Aukera eman didazu hori probatzeko. JOK: Benetan nahi nuke zuri errebantxa ematea. Baina ez dut aukerarik izango zurekin berriz jokatzeko. AGU: Batzuetan, ezin aukeratu guk joko-laguna. Joko-lagunak berak aukeratzen gaitu. JOK: Itxaropen horretan bizi da gizakia, aukeratzea posiblea dela sinetsita. Tira, hala bedi, behingoan. JOKALARIAK eta AGUREAK bostekoa ematen diote elkarri. AGUREAK besotik heltzen dio JOKALARIARI. AGU: Oraindik ere denbora apur bat geratzen zait eguna etorri arte. Azken aldiz ikusi nahi nuke alaba, behintzat. JOK: Goazen, oraindik ere denbora apur bat duzu. AGU: Goazen, bada. JOKALARIA eta AGUREA elkarrekin doaz kalean barrena. Orduan, parketik joateko zorian daudela, parkeko argi amatatua piztu-itzalika hasi da berriro, dardaraz. Bada, azkenean erabat amatatu da. Aldi batez argia joan da. Argia itzuli denean, hasierako estudioan gaude berriro. Estudioko ohean EMAKUME GAZTEA dago lotan. Ilun dago gela, bakarrik argi txiki bat gau-mahaian. Ondoan, AGUREA dago zutik, emakumeari begira. EMAKUMEA ez da batere mugitzen. Poliki-poliki, JOKALARIA ilunpetik hurbiltzen zaio AGUREARI. Biak gelditzen dira apur batez EMAKUMEARI begira. AGUREAK keinu bat egiten du eskuaz EMAKUMEAREN buruaren gainetik, laztanduko balu bezala. Orduan, EMAKUMEA bestaldera mugitzen da. Ametsetan dago, burukoa besarkatzen. AGUREA eta JOKALARIA poliki-poliki irteten dira gelatik. Gau-mahaiaren ondoko argia piztuta gelditzen da. Aldi baten ondoren, EMAKUMEA esnatzen da, eta astiro-astiro hasten da nagiak ateratzen. AMAIERA
Hitzaurrea Covid-19aren ondoriozko itxialdia hasi zenean hauxe izan zen denborapasa irakurtzeko (nola edo hala denbora pasatu behar baitzen eta zer hoberik denbora pasatzeko irakurtzea baino?) aholkatu ziguten lehenengo irakurgaia, aholkatzaile adituari burutik pasatzen zitzaion lehenengo asoziazioa: Dekamerona. Ezin asoziazio errazagorik aurkitu irakurri den edo zeharka ezagutu den irakurgai baten eta aisialdirako espero zen perspektibaren artean: bi asteko itxialdi batean hamar gaztek elkarri kontatzen dizkioten ipuinak une hartan hamalau egun iraungo zuela espero zen itxialdi baterako irakurgai. Ezin jakin, orduan, itxialdia ez zela hamalau egunekoa izango, nahikoz luzeagoa baino. Bestela ez zen faltako proposatuko zuenik Dekamerona irakurri ez baina euskarara itzultzea, Gabriel Arestiren eta Matias Mugicaren itzulpenen ondoren itzultzeko falta zena besterik ez zen. Beste irakurgai-proposamen batzuk ere izan ziren, hala nola Jack Londonen Izurri gorrimina (The Scarlet Plague) irakurtzekoa, pandemiari konponbiderik aurkitzen ez bazaio egia bihurtzeko arriskua izan lezakeen distopia, edo Margarita Nafarroakoaren Heptameron. Ez nuen ikusi Defoeren Izurriaren urteko egunkaria (A Journal of the Plague Year) irakurtzeko aholkurik, ez baita –egia esan– etxe-zokoan egoteko oso-oso biotzpizgarria. Alessandro Manzoniren I promessi sposi eta A. B. Chandler-en The Hamelin Plague-ren aholkuak ere iritsi zitzaizkidan. Dekameroneari gagozkiola, ez Gabriel Arestik 1979an argitaratutako Dekamerone tipi bat-ean ez Matias Mugicak berak 2011n argitaratutako Dekameron. Hamar ipuinean agertzen ez diren bi ipuin berri dakartza azkeneko honek oraingoan: Dekameroneko hirugarren eguneko lehenengo eta azkeneko istorioak. Boccaccioren Dekameroneak badu, hain zuzen, erakarmen berezi bat literaturaren eta itzulpenaren historia interesatzen zaion edonorentzat, itzultzailearentzat batez ere, literatura-lan oro literatura-lanean kate luze batean kokatzen baita, aurrekoen zordun eta ondokoen hartzekodun. Literatura-lana, bere sorkuntzaren historiari begira, ezin uler daiteke besteekiko loturarik gabe, kate luze bateko kate-begi gisa baizik. Ezin uler daiteke aurrekaririk edo ondokorik edo jarraipen-esperantzarik gabe behintzat. Katearen ideiak mugatu egiten du, ordea, literatura-lanetan, literatura-lan guztietan, gertatzen den, neurri batean mamitzen den, elkarreraginen mataza, literatura-lanak ez baitira sortzen eragin-soka bat bakarretik, eragin-hari askoren, askotan ordenarik edo logika askorik sumatzen ez zaiten eragin-hari askoren eraginetik baizik. Eta gerta daiteke literatura-lan bat beste eragin-hari askoren abiapuntu izatea. Eta ezin ahaztu eragin-hari horietako asko itzulpenaren bidez gauzatzen direla, itzulpenik gabe ezin uler daitezkeela, gerora eraginik handiena izan duten literatura-lani dagokienez batez ere. Hala uste dut irudika daitekeela Boccaccioren Dekameroneak literaturaren historian, Europako literaturaren historian batez ere, izan duen eta duen lekua. Hala, Boccacciok bere istorioaren hamar protagonisten ahotan iturri askotatik jasotako istorio eta kontakizunak jarriz osatzen du bere hamar eguneko kontalarien istorioa. Istorio horiek ez dira, noski, Boccacciok hutsetik sortuak. Aurrekariak dituzte Boccaccioren garaian, latinez batez ere, oso zabalduta zeuden istorio-bildumetan, hala nola predikariek sermoietan erabiltzeko prestatutako exempla edo enxiemplo, agiografia, santu-bizitza eta gisakoetan. Baita haien oso bestelakoak ziren frantses roman eta Dekameronean ironia eta txantxetarako aukera ugari emango zioten fabliauxetan ere. Roman eta, batez ere, fabliaux hauen iturria ere historian atzerago eta geografian urrutiago bilatu behar da gehienetan. Ugari dira, hain zuzen, bide askotatik iritsi eta azken Erdi Aroko garaietan zabalduta zeuden antzinako Greziako, arabiar literaturako eta are ekialde urrunagoetako autoreen aztarrenak: iturrien artean aipatzekoak dira, esate baterako, Barlaam eta Josafaten bizitzako zenbait istorio, obra hori bera Budaren jataka-en bizantziar moldaera bat delarik. Esoporen fabuletatik hartuak dira, bestalde, 1180an argitara eman zen eta Dekameronean eragina duen Roman de Renart (euskarara Joan M. Arzallusek itzulia: Azeri axiantea, guztiz gozagarria): edo itzulpenen katea ilustratzeko atzerago eta urrutirako joz, K.a.ko III. mendetik K.o.ko III. mendera bitartean metatutako Indiako Pantxatantra fabula-bildumaraino irits gaitezke: Kosroes II.aren garaian palhavi-ra eta sirierara itzulirik, VIII. menden Al-Muqaffa irandar itzultzaileak arabierara bihurtu zuen (Kalila wa-Dimna). Ipuin- eta istorio-altxor hori hainbat bidetatik iritsi zen, seguru asko, Europara eta zabalduko zen han: gurutzadetan preso hartu eta eta islamdarren artean bizi izan ziren bitartean ezagututa Europara itzultzean ekarririk, edota Iberiar penintsulan egin ziren itzulpenen bitartez. Hala, adibidez, Al-Muqaffaren itzulpena, Kalila wa-Dimna, bost mende geroago, Alfonso X.a erregearen aginduz, nonbait, hebraierazko itzulpen batetik edo arabierazko itzulpenetik gaztelania zaharrera itzuli zen: Calila e Dimna. Beste horrenbeste esan daiteke Boccaccioren Dekameronea baino mende bat lehenago Alfonso X.a erregearen anaia Don Fadriqueren ekimenez itzulitako Sendebar-aren eraginaz. Ez lirateke ahaztu behar, orobat, Gallanden itzulpenak Europan testu osoa ezagutarazi baino lehen mendebaldean aski ezagunak ziren Mila eta bat gauetako pasarteak. Garai horretako arabiar munduaren eta Europa kristauaren arteko loturak ezagutzeko ez dago nahitaez gurutzadetara edo Iberiar penintsulara begiratu beharrik; Italian bertan ere, ohikoa zen kristau eta islamdar kulturen arteko harremana eta elkarren ezagutza: Dante Aligherik berak denboratxoa eman zuen Sizilian, eta zalantzarik ez dago hango kultura islamdar-kristau hibridatuan arabiarren arteko kontakizunak ez ezik, haien jakintza, haien literatura, erlijioa eta filosofia ezagutzeko aukera izan zuela. Istorioak zedarriztatzeko ipuin zabalago baten barruan kokatzeari dagokionez, prozedura zaharra da (Apuleioren Urrezko Astoa, adibidez), edo, aurrekoari jarraituz, bai Mila eta bat gauetako bai Sendebar-eko egitura bera errepikatzen du Boccaccioren Dekameroneak, eta egitura horretan protagonismo berezia ematen die emakumeei, haietan bezala, Mila eta bat gauetako protagonismo positiboarekin, Sendebar-eko misoginiatik urruti. Tradizio horietatik guztietatik edanez, hala ere, Boccaccio ez zen mugatu 1348an Florentziak pairatu zuen izurri beltzaren aitzakiarekin bilduma bat egitera, baizik eta aurrekari horien guztien oihartzuna eguneratu eta bere garairako birformulatu egin zuen, Erdi Aroko mundua gainbehera zetorren, mundu hartako balioak eta aurotitatea gatza uretan bezala desegin eta balio berriak eta gizartearen protagonista berriak sortzen eta indartzen ari diren garai baterako. Hala, Dekameroneko istorioetan behin eta berriro uzten dira barregarri hiltzen ari den gizarte zaharraren agintariak, sinesteak, balioak, gizarte zahar haren euskarri diren irozgarriak. Oraingo protagonista positiboak ez dira nobleak, heroi fededunak, Boccaccio bizi den gizartean nagusitzen ari diren hirietako burgesak eta langileak baizik. Gizartea den bezala, bere ilun eta argi guztiekin erretratatzen saiatzen da, eta gizarte horretan onartuak diren balioak gauzatzen eta gorpuzten dira kontakizunetan: hizkuntza bera, besteren artean. Orain helburu nagusia ez da dagoeneko gizarte ideal baten irudikatzea eta onbidearen irakaskuntza, jostaketa baizik; eraikitzen ari den gizarte berri horretan balio onartua delako jostaketa soila. Hizkuntzari dagokionez, mundu klasikoaren miresle eta aditua zen Boccacciok, beste lan askotarako baliatu zuen latina baztertu eta Toscanako italiera, Florentziako hizkera eta prosa (eliteetan estimu handiagoa zuen bertsoaren ordez) hartu zituen adierazmoldetzat, Dante bere maisu miretsiaren ereduari eta haren De vulgari eloquentia-ri jarraituz, bide batez literaturaren hartzailea zen elite zaharra arbuiatu eta elite berri bat, burgesia ikasia, hartzaile duintzat deklaratuz. Boccaccioren lanak bi eratako eraginak izan zituen Italian eta Europako gainerako herrialdeetan. Alde batetik, haren latinezko lanak erreferentziazko obrak izan ziren antzinatea ezagutzeko, latina zelarik jakintzaren alorreko nazioarteko hizkuntza eta halaxe jarraituko zuelarik luzaroan. Beste alde batetik, Dekameronea, herri-hizkuntza jasoan idatzia, hizkuntza bernakuluetako prosa landu dotorearen eredu bihurtu zen; ospe handia eman zion Boccacciori eta berehalaxe hartu zuen, Danteren eta Petrarcaren poesia-lanekin batera, itzulpenaren eta imitazioaren bidea. Artean inprentarik ez bazen ere, ezin konta ahala kopia egin ziren eskuz, han eta hemen. Italiako literatura Europako literaturen erreferentzia nagusietako bat bilakatu zen. Dekameronearen itzulpenak egin ziren Europako hizkuntza nagusietara; frantses, katalan, ingeles… Alde guztietan izan zituen imitatzaileak: Ingalaterran aipatzekoa da, lehenik eta behin, Geoffrey Chaucer (1343-1400). Haren Canterbury Tales bukatu gabean, Dekameronearen egitura ez ezik, haren hainbat istorio moldatzen dira. Italian imitatzaile ugari izan zituen, Matteo Bandello (1490-1560), Franco Sachetti, Giraldi Cinthio, eta abar. Frantzian ezin aipatu gabe utzi Margarita Nafarroakoa (1492-1549) Heptameron-aren egilea. Espainian, Cervantes bera, bere Novelas Ejemplares-etan Boccaccioren iturritik edaten duena. Edo Lope de Vegaren Novelas a Marcia Leonarda. Gerora Shakespeare, Molière, Balzac eta Goetheren obretan ere Dekameronaren aztarrenak agertzen dira. Geroztik ere literatura unibertsaleko obra handi horren eragina ez da itzali munduko literaturetan. Gurean Gabriel Arestiren itzulpena eta Matias Mugicaren lehengoa eta oraingo berri hau ditugu gozagarri. Oraingoz, osorik itzultzen ez den bitartean. Josu Zabaleta MASETTO LAMPORECCHIOKOA Masetto Lamporecchiokoa mutua dela itxura egin eta moja komentu bateko baratzezain egiten da eta moja guztiak elkarrekin borrokan dabiltza harekin oheratzeko. Dama txit ederrak, makina bat gizonek eta emakumek, ero alaenak, errazegi uste izaten dute ze neska gazte bati buruan oihal zuria edo soinean abitu beltza jarri orduko bertan emakume izateari utzi eta emakume-gurariak ez dituela jada sentitzen, moja egitean harrizko egin balute bezala; eta beren uste horren kontrako ezer aditzen badute, haserretzen dira naturaren kontra bidegabe handia eta kriminala egin balitz bezala, pentsatu edo burutan hartu gabe zer gertatzen zaien beraiei, nahi dutena egitea libre dutelarik, libertate horrek ez baititu asetzen, eta kontuan hartu ere gabe zer indar handia duten aisiak eta tentazioek. Eta beste makina batek ere errazegi uste dute nekazariei aitzurrak eta palak eta jan zakarrak eta bizimodu deserosoak erabat kentzen dizkietela haragiaren desioak eta erabat lakazten diela bai adimendua bai asmamena. Nik, ordea, nahi nuke, erreginak horrela agindu baitit, eta egin digun proposamenetik atera gabe, ipuintxo baten bidez argitu zeinen oker dauden horrela uste dutenak. Gure eskualde hauetan, bazen, eta bada gaur ere, emakume komentu bat bere santutasunagatik oso famatua (ez dut izena aipatuko bere fama den mendrena ere ez gutxiagotzeko). Hartan, aspaldi ez dela, zortzi moja eta abadesa bat bizi ziren, denak gazteak, eta, behin beren jardin ezinago ederreko baratzea lantzen zien gizontxo prestua bere soldatarekin kontent izan ez eta mojen administradoreari kontua eskatuta, Lamporecchiora itzuli zen, bere jaioterrira. Han, alaiki errezibitu zutenen artean bazen nekazari bat gaztea eta sendoa eta, nekazaria izateko, ederra, Masetto izenekoa. Hark galdetu zion, bada, non egona zen hainbeste denboran. Gizon prestuak, baitzeritzan Nuto, kontatu zion eta Masetto hark galdetu zion zer lan egiten zuen monasterioan. Horri Nutok erantzun zion: –Han daukaten baratze handi ederra lantzen nuen eta horrez gain aldian behin basora joan egur bila, ura atera eta antzeko lan txikiak egiten nituen; baina monjek hain soldata txikia ematen zidaten non ozta-ozta nuen dirua galtzak erosteko. Eta gainera mojak dira denak gazteak eta nire iduriko deabrua gorputzean dutenak, ezin baita ezer haien gustoko egin. Are gehiago: behin edo beste baratzean ari nintzela batek esaten zidanean: “Jartzazu hauxe hemen”, eta beste batek: “ Jartzazu hauxe han”, eta beste batek aitzurra eskutik kendu eta esaten zidan: “Hauxe ez dago bada ongi”, hainbeste nazkatzen ninduten non lana utzi eta baratzetik alde egiten nuen; eta horrela, hau zela hura zela, ez nuen gehiago gelditu nahi izan eta hemen naiz. Eta, bide batez, haien administradoreak esan zidan inor ezagutzen banuen lan hartarako on zenik, bidaltzeko, eta nik hala agindu nion; baina, Jainkoak errainak zainduko ahal dizkio, nik ez baitiot inor lortu ez bidali behar. Nutoren hitzak adituta, izugarrizko gogoa jarri zitzaion Masettori moja haien artean egoteko, goitik behera urtzeraino, Nutoren hitzetatik igartzen baitzion han berak nahi zuen zerbait lortzeko bidea izanen zuela; baina antz eman zion ez zuela lortuko Nutori ezer esaten bazion, eta hortaz: –A, zein ongi egin duzun etxera itzulita! Zer da, ba, gizon bat emakume artean? Hobe bai deabru artean ere! Zazpitik sei alditan berek ere ez dakite zer nahi duten. Baina gero, solasa bukaturik, Masetto hasi zen mojekin egon ahal izateko bideak bilatzen eta bai baitzekien ongi trebatua zegoela Nutok esaten zuen lan klasean, ez zuen beldurrik hortik huts egiteko, baina bazekien ez ziotela harrera onik eginen gazteegia eta ederregia izateagatik. Horregatik, gauza asko pentsatu ondoren, imajinatu zuen: –Tokia hemendik oso urruti dago eta inork ez nau han ezagutzen; mutua izateko itxura egiten badut, seguru ongi hartuko nautela. Eta ideia hori gogoan, aizkora soinean harturik, inori esan gabe nora zihoan, pobre baten itxuran joan zen monasteriora, eta hara iritsi eta sartu zen, eta kasualidadez administradorea topatu zuen patioan eta hari keinuka, mutuek egiten duten bezala, jatea eskatu zion Jainkoarren eta adierazi zion berak moztuko ziola egurra, behar bazuen. Administradoreak gogoz jatera eman eta ondoren zenbait enbor jarri zizkion aurrean, Nutok ezin moztu izan zituenak, eta hark, izugarri sendoa baitzen, berehala pikatu zituen hondarreraino. Administradoreak, orduan, basora joan behar baitzuen, berekin eraman zuen eta han egurra mozteko esan zion; ondoren, astoa aurrean jarrita aditzera eman zion etxera eramateko egurra. Masettok ederki egin zuen eta hortaz administradoreak zenbait egunez eduki zuen behar zituen gauza batzuk egiten, harik eta halako egun batean abadesak ikusi eta administradoreari nor zen galdetu zion arte. Eta hark erantzun zuen: –Andrea, gizagaixo mutua eta gorra da, orain egun batzuk limosna eske etorria. Nik lagundu diot eta behar ziren egiteko batzuk eginarazi. Baratzea lantzen baldin badaki eta gelditu nahi badu, uste dut zerbitzu ona eginen ligukeela, haren beharra baitugu, eta sendoa baita eta nahi duena egin baitezake; eta gainera zure gazte horiekin broman ibiltzeko kezka gutxi zenuke. Eta abadesak horri: –Hori egia esan duzu, alafede! Galde iezaiozu baratzea lantzen badakien eta egizu eginahala geldiarazteko: pare bat galtza xar eman, kapote zaharren bat, eta balaka ezazu, zaindu, emaiozu ongi jatera. Administradoreak esan zuen halaxe eginen zuela. Masetto ez zen urruti, patioa eskobatzeko itxura egiten ari, hori dena entzuten, eta pozik zioen berekiko: “Hor barna sartzen banauzue, egundo ez bezala landuko dizuet, bai, baratzea”. Orduan, administradoreak ikusi zuelarik ederki lantzen zekiela, eta keinuka galdetu ziolarik han gelditu nahi zuen, hark ere keinuen bidez erantzun zion nahi bezala eginen zuela. Eta baratzea lantzeko agindu zion eta egitekoak jarri; ondoren, monasterioko beste lan batzuen atzetik joan zen, Masetto han utzita. Eta baratze lan hartan, eguna joan eguna etorri, mojak hasi zitzaizkion zirika eta adarra joka, mutuekin maiz egiten den bezala, eta munduko hitzik kruelenak esaten zizkioten, ustez hark ulertzen ez ziela; eta abadesari, inondik ere uste baitzuen mutuak mingainik ez zuen bezala buztanik ere ez zuela, ez zitzaion ezer inporta. Orduan egun batez, Masetto asko lan egin eta atsedena hartzen ari zela, bi mojatxo gazte, baratzetik paseoan, hurbildu ziren Masetto itxuraz lo zegoen tokira; eta haietako batek, ausartxeagoak, besteari esan zion: –Sekretua gordeko didazula uste banu, kontatuko nizuke maiz izan dudan pentsamendu bat, agian zuri ere balioko lizukeena. Besteak erantzun: –Esan ezazu konfiantzarekin, zaude seguru ez diodala inoiz inori kontatuko. Orduan ausart hori hasi zen: –Ez dakit erreparatu diozun nola gauzkaten bijilatuak, eta hemen ez dela gizon bakarrik ere sartzera atrebitzen non ez den administradorea, zaharra baita, eta gero mutu hau; eta askotan aditu diet hona etorri diren andre askori munduko gozotasun guztiak hutsa direla emakumea gizonari batzen zaionean sortzen den gozotasunaren aldean. Horregatik askotan gogoratu zait mutu honekin proba egitea ea egia den, ezin baitugu beste inorekin egin proba, eta hura munduan denik eta hoberena baita horretarako, ez bailezake nahita ere ezer konta: ikusten duzu nola den gaxte tontoa, zentzua sartu baino lehen handitua. Pozik adituko dut zer iruditzen zaizun hau. –Ai ene! –esan zuen besteak–. Zer diozu? Ez al dakizu Jainkoari eskaini diogula gure birjintasuna? –O! –esan zuen besteak–. Zenbat gauza agintzen zaizkio egunero Jainkoari eta bakarrik ere ez kunplitzen! Guk eskaini badiogu, bila ditzala beste bat edo batzuk agindua kunplitzeko. Eta lagunak orduan: –Eta izorra gelditzen bagara? Zer gertatuko da? Orduan besteak: –Etorri baino lehen gogoratzen zaizu gaitza; hori gertatzen denean, orduan izanen da denbora hartaz pentsatzeko; mila modu izanen dira inoiz ezer jakin ez dadin, gerok ezer esaten ez badugu. Hori aditurik besteak, bere lagunak baino ere gogo gehiago baitzeukan gizon bat zer animalia klase den probatzeko, esan zuen: –Konforme, Nola egiten dugu? Eta besteak: –Ikusten duzu arratsaldeko hirurak jotzeko daudela: uste dut gure moja lagun guztiak lo daudela gu ezik; begira dezagun baratzean ea inor dagoen, eta inor ez badago, aski izanen da mutila eskutik hartu eta horrako etxola horretara eramatea, non bera euritik babesten den, eta han gutako bat harekin barnean dagoela, besteak guardia eginen du. Mutila tontoa da erabat eta nahi dugun bezala eginen du. Masettok hitz horietatik dena aditzen zuen eta, obeditzeko prest, haietako batek hartzea besterik ez zuen espero. Hortaz, zoko guztiak ongi arakatu ondoren eta inondik ere ezin inork ikusi zituela konprobatuta, solasa hasi zuen mojak Masettori hurbildu, esnatu, eta Masetto berehala zutik jarri zen; orduan mojak laztantsu eskutik hartu, Masettok barre tontoa egiten zuen bitartean, eta etxolara eraman zuen, non ez zion Masettori gehiegitan eskatu behar izan berak nahi zuena egiteko. Eta lagun leiala baitzen, nahi zuena izan zuenean, besteari utzi zion lekua eta Masettok, beti ere tontoarena eginaz, gustoa eman zion hari ere; eta hortaz, alde egin aurretik bakoitzak behin baino gehiagotan probatu nahi izan zuen mutuak nola egiten zuen zaldiz, eta ondoren bien artean solasean maiz esaten zuten gauza gozo ederra zela hura, uste baino puskan gehiago ere bai; hortaz, ordu egokiak aprobetxatuz, joaten ziren mutuarekin dibertitzera. Gertatu zen egun batez haien lagun bat, bere gelako leihotxo batetik kontuari antz emanik, beste biri erakutsi ziela; eta lehenbizi pentsatu zuten abadesari salatzea, baina gero iritziz aldatu eta, elkar adituta, Masettoren saileko parte bat hartu zuten eta, haiei, gainerako hiruak ere erantsi zitzaizkien, hainbat bidetatik eta hainbat unetan. Azkenik abadesa, gauza horietaz oraindik konturatu gabea baitzen, bero handiko egun batez bakar-bakarrik baratzean zebilela Masetto topatu zuen –zeina gauean gehiegi zaldiz ibilita leher eginda gelditzen zen eguneko edozein lanekin– luze-luze almendrondo baten itzalean etzanda lo; eta haizeak aurreko arropa jasotzen baitzion, dena agerian zeukan. Hura ikusirik, andre abadesari, bere burua han bakarrik ikusita, bere mojatxoei bezalako gogoa jarri zitzaion eta Masetto esnaturik berekin eraman zuen gelara eta han egun askotan eduki, ordu arte besteengan deitoratu zuen gozotasun hura behin eta berriz probatuz, gainerako mojen atsekabe handirako, Masetto ez baitzitzaien etortzen baratzea lantzera. Azkenik, abadesak bere gelara itzultzen utzi eta oso maiz deitzen baitzuen etortzeko, bide zen baino gehiagoko partea hartuz harengandik, Masetto, hainbeste emakume ezin aserik, konturatu zen bere mututasunari eusten bazion kalte handia etortzen ahal zitzaiola; hortaz, abadesarekin zegoen gau batez, mingaina askatu eta hasi zen esaten: –Andrea, fama da oilar bat aski dela hamar oilorentzat, baina hamar gizonek doi-doi eta nekez ase dezaketela emakume bakarra, eta nik, berriz, bederatziri eman behar kontentu! Ezin nuke inolako moduz iraun: are gehiago: orain arte egin dudanak ezer egiteko gauza ez naizela utzi nau, asko nahiz gutxi, eta hortaz, edo Jainkoaren bakean joatera uzten nauzu edo konponbideren bat bilatzen diozu kontu honi. Andreak, ustezko mutua hizketan adituta, erabat trublaturik, esan zion: –Hau zer da? Ez al zinen mutua? –Andrea, –esan zuen Masettok– hala nintzen, baina ez jaiotzez, baizik eta hitza kendu zidan gaitz baten ondorioz, eta gaurko gauean lehenbiziko aldiz sentitu dut bihurtu zaidala hitza eta eman ahala esker ematen dizkiot hortaz Jainkoari. Andre abadesak sinistu, eta galdetu zion zer esan nahi zuen bederatziri kontentu ematen ziola esatean. Masettok esan, eta abadesak, orduan, ulertu zuen beste moja guzti-guztiak bera baino azkarragoak zirela eta hortaz, emakume argia baitzen bera ere, Masettori joaten utzi gabe, erabaki zuen bere mojekin konponbidea bilatzea kontu honi, Masettok monasterioaren izen ona ez zikintzeko. Eta nola egun haietan administradorea hila zen, denak konforme jarrita, denek agerian deklaratu zuten ezkutuan egin zutena, eta erabaki zuten, Masettoren poz handirako, inguruko jendeari sinistaraztea beren otoitz eta monasterioko zaindari zen santuaren merezimenduei esker bihurtu zitzaiola Masettori hitza eta, hortaz, administradore egin zuten, eta ongi eraman ahal izateko moduan banatu zizkioten lanak. Eta nola lan horien ondorioz fraidetxo asko sortu ziren, hain diskrezio handian eraman zuten kontua non inork ez zuen ezer jakin abadesa hil zen arte, Masetto zahartua zela eta etxera itzuli nahi zuenean; eta hori jakin zenean gogo onez eman zioten baimena. Hala, bada, Masetto, zahartua, aitatua eta aberastua, bere umeak hezteko lanik ez gasturik bere gain ez zuela, bere gaztaroa ongi aprobetxatu ondoren, behin aizkora soinean zuela ateratako herrira itzuli zen, zioela Kristok horrela tratatzen zuela koroan adarrak jartzen zizkiona. ALIBECH ERMITAU EGITEN DA Alibech ermitau egiten da eta Rustico monjeak erakusten dio nola sartu deabrua infernuan; ondoren, handik eramaten dutenean, Neerbaleren emazte bihurtzen da. Dioneok, Erreginaren ipuina arreta handiz entzun ondoren, aditu zuenean bukatu zuela eta orain bera bakarra gelditzen zela bere ipuina kontatzeko, aginduari itxaron gabe honela hasi zen, irribarrez: Dama xarmagarriak, seguru asko zuek ez duzue inoiz aditu izanen nola sartzen den deabrua infernuan, eta horregatik, egun osoan ahotan izan duzuen gai horretatik den gutxiena apartatu gabe, nik esan nahi dizuet nola; hori jakiteak agian arima salbatzeko aukera emanen dizue eta ikasiko ere duzue ze, egia bada ere maitasuna gustorago bizi izaten dela jauregi alai eta logela atsegingarrietan, aldian behin baso sarrietan, mendi lakatzetan eta hartzulo jendegabeetan ere erakusten duela bere indarra, zeinak aditzera ematen duen gauza guztiak daudela haren menpe. Hala, bada, harira etorriz, diot Gafsako hirian, Berberian, izan omen zela behin gizon bat izugarri aberatsa, zeinak beste seme-alaba askoren artean alabatxo bat bazuen eder-galanta, izenez Alibech. Alibech honek, kristaua ez baitzen eta hirian zeuden kristau asko maiz aditu baitzituen kristau fedea eta Jainkoaren zerbitzua goratzen, egun batez galdetu zion haietako bati nola serbitzen ahal zuen berak Jainkoa hobekien eta oztopo gutxienekin. Kristau hark erantzun zion munduko gauzetatik ahalbait urrutien ihes egiten zutenek serbitzen zutela Jainkoa hobekien, hala nola, esaterako, Tebaidako basamortu bakartira joaten zirenek. Neskatoa, oso inozoa baitzen, eta hamalau bat urtekoa, gurari ordenatu batek ez baizik eta ume-oldar batek eramanik, biharamunean bertan, guztien isilik, ezkutuan eta bakar-bakarrik, bidean jarri zen Tebaidako basamorturantz, eta eginahal handia eginik eta oldar horrek irauten baitzion, iritsi zen desertu hartara eta urrutitik etxetxo bat ikusita hartara egin zuen eta han gizasantu bat aurkitu zuen atean, zeinak, han aurkitzeaz harriturik, galdetu zion zeren bila zetorren. Neskak erantzun zion ze Jainkoaren goi-arnasak harturik, aurkitu nahi zuela haren zerbitzuan nola jarri eta bai Jainkoa serbitzen nork erakutsi ere. Gizon prestu hark, neska hain gazte ederra ikusirik, berekin atxikitzen bazuen demonioak tentatuko ote zuen beldurrez, asko alabatu zion jarrera on hura eta belar sustrai eta basa fruitu batzuk eta datil bakan batzuk jatera eta ura edatera eman ondoren, esan zion: –Alaba, hemendik ez oso urrutira bada gizasantu bat ni baino askoz ere maisu hobea dena zu bila zabiltzan horretarako; zoaz harengana. Eta erakutsi zion bidea eta neska, harengana iritsirik eta harengandik lehengo hitz berberak harturik, eta aurrerago joanik, ermitau gazte baten hartzulora iritsi zen noizbait, gizon debota eta ona, Rustico izenekoa, eta hari ere egin zion besteei egindako eske bera. Rusticok, bere burua proba handi batekin neurtu nahirik, ez zuen besteek bezala neska bidali edo aurrerago pasarazi, hartzuloan atxiki baizik; eta gautu zuenean zoko batean kamaina bat atondu zion palmera hostoz, eta han atseden hartzeko esan zion. Hori eginik, istantean hasi zitzaizkion tentazioak bere indarrei gerra egiten, eta gizasantuak, ikusirik indar horietan konfiantza gehiegi izan zuela, gehiegi eutsi gabe bere indarrez etsi eta amore eman zuen. Eta alde bat utzita pentsamendu santuak eta orazioak eta diziplinak, hasi zen neskaren gaztetasuna eta edertasuna imajinatzen, eta horrez gain pentsatzen ere zer bide eta zer modu hartuko zuen ez neska konturatzeko gizon haragikoiaren gisan lortzen zuela harengandik nahi zuena. Eta galdera batzuekin probatuz, konturatu zen neskak ez zuela artean gizonik ezagutu eta iduri bezain tolesgabea zela egiaz; hortaz, gogoratu zitzaion nola eramango zuen, Jainkoa serbitzeko itxuran, bere gurariak asetzera. Eta lehenbizi hitz askorekin erakutsi zion zein etsai handia zen gure Jainko jauna deabruarekin, eta ondoren aditzera eman zion Jainkoari egiten ahal zitzaion zerbitzurik handiena zela deabrua infernuan sartzea, hara kondenatu baitzuen gure Jainko jaunak. Neskatoak galdetu zion orduan hori nola egiten zen eta Rusticok erantzun: –Aurki jakinen duzu eta hartarako nik egiten dudan gauza bera egin behar duzu zuk ere. Hasi zen zituen jantzi apurrak eranzten eta erabat larruhutsik gelditu zen eta neskak ere gauza bera egin zuen; orduan Rustico otoitz egiteko bezala belaunikatu zen eta neska bere aurrean jarrarazi. Eta horrela jarrita, Rustico, neska hain ederra ikustean, inoiz baino sutuagoa zela, etorri zen haragiaren pizkundea eta Alibechek hura ikusi eta harriturik esan zion: –Rustico, zer da hori orain kanpora ateratzen ikusten dizudana eta nik ez daukadana? –O, alaba nirea, –esan zuen Rusticok–, hauxe da, ba, deabrua arestian aipatutakoa, eta begira nola egiten didan orain ezin jasanezko mina. Orduan neskak: –O, bedeinka dakiola gure Jainko jaunari! Ikusten dut zu baino hobeki naizela, nik ez baitut horrelako deabrurik. Esan zuen Rusticok: –Egia esan duzu hori, baina baduzu beste gauza bat nik ez daukadana, eta honexen lekuan eduki ere. Alibechek orduan: –Zer? Eta Rusticok: –Infernua daukazu zuk eta esaten dizut, nire ustez Jainkoak hona bidali bazaitu, nire arimaren osasunerako izan dela, zeren deabru honek orain arte bezala tormentu hau ematen segitzen badu, nitaz urrikitu eta deabrua infernuan sartzen uzten badidazu, atsegin eta mesede ikaragarria eginen didazu, baldin egia bada asmo horretan etorri zarela toki hauetara. Neskak fede onez erantzun: –O, aita! Nik infernua baitut, nahi duzunean izan dadila. Esan zuen orduan Rusticok: –Alaba nirea, Jainkoak bedeinka! Goazen, bada, eta sar dezagun infernuan, ondoren bakea eman diezadan. Eta horrela esanik, gaztea bere ohatze batera eramanda, erakutsi zion nola jarri behar zen Jainkoak madarikatu hura kartzelaratu ahal izateko. Gazteak, ez baitzuen ordu arte inongo deabrurik infernuan sartu, lehenbiziko aldian min pixka bat sentitu zuen eta, hortaz, Rusticori esan zion: –Zinez, aita, izugarri gaiztoa behar du inondik ere deabru horrek eta Jainkoaren benetako etsaia zeren besteei ez ezik, infernu barrenean sartzean ere min egiten baitu. Esan zuen Rusticok: –Alaba, ez da beti horrela izanen. Eta hori ez berriz gertatzeko, ohetik jaiki baino lehen sei bat aldiz sartu zuten deabrua infernuan, hainbateraino non erabat beheratu zioten buruko harrokeria eta gogo onez baketurik gelditu zen. Baina nola ondoren oso maiz harrotu baitzen atzera, eta neskak, beti obedient, kentzeko mesede egiten zion, gertatu zen gustatzen hasi zitzaiola josteta hura eta hasi zitzaion Rusticori esaten: –Ongi ikusten dut egia esaten zutela Gafsako gizon haiek Jainkoa serbitzea ongi gauza gozoa dela, eta egiaz ez naiz oroitzen inoiz beste ezer eginik hainbesteko gustoa eta plazera eman didanik nola deabrua infernuan sartzeak; eta horregatik juzgatzen dut Jainkoa serbitzeaz beste ezertan aritzen dena abere handia dela. Hortaz, bera joaten zitzaion maiz Rusticori eta esaten: –Ni Jainkoa serbitzera etorri naiz hona eta ez alferrik egotera; sar dezagun, bada, deabrua infernuan. Eta hura eginik batzuetan zioen neskak: –Rustico, ez dakit zergatik egiten dion ihes deabruak infernuari zeren bera hain gogoz balego infernuan nola infernuak errezibitzen eta edukitzen duen bera, ez litzateke inoiz handik aterako. Hala bada, neskak maiz gonbidatzen baitzuen Rustico Jainkoa serbitzera, honi hainbeste higatu zitzaion jipoiaren barnealdea non hotza sentitzen zuen beste edonor izerditan egongo zen tokian. Hortaz, hasi zitzaion neskari esaten ez zegoela zertan beti ibili deabrua zigortzen, burua harrotu eta jasotzen zuenean baizik: “Eta guk, Jainkoaren graziaz, hainbeste otzandu dugu deabrua non bera ari zaion Jainkoari eskaka bakea emateko.” Eta horrela denbora baterako isilik utzi zuen neska. Baina neskak, ikusirik Rusticok ez ziola deitzen deabrua infernuan sartzeko, egun batez esan zion: –Rustico, zure deabru horrek ederki zigorturik ez badizu zuri ja tormenturik ematen, ni, berriz, ezin nagoke nire infernuarekin, beraz ongi eginen duzu orain zuk zure deabruarekin laguntzea nire infernuko amorrua baketzen, nik nire infernuarekin lagundu nuen bezala zure deabruari harrokeria beheratzen. Rustico, belar sustraiez eta urez elikatzen baitzen, apenas gauza zen desafioa edukitzeko eta esan zion sobera deabru beharko liratekeela infernu hura baketzeko baina hark ahal zuentxoa eginen zuela. Eta horrela behin edo beste ase-bidea ematen zion, baina hain bakanki, non hura lehoi baten ahora babatxoa botatzea bezala ipuinaren efektu komikoa. Hortaz, neskatoa, iruditzen baitzitzaion ez zuela Jainkoa nahi bezain maiz serbitzen, ez zen gelditzen kexatik. Baina Rusticoren deabruaren eta Alibechen infernuaren arteko liskar hura gertatzen zelarik, bataren gehiegizko desiragatik eta bestearen potentzia eskasagatik, gertatu zen Gafsan sute handi bat piztu eta Alibechen aita, haren seme-alabak eta familia osoa bere etxean bertan kiskali zirela eta, hortaz, Alibech haren ondasun guztien jabe gelditu zela. Horregatik, Neerbale izeneko gazte batek, bere fortuna osoa gorteko bizitzan gastatuta, aditurik Alibech bizirik zela, haren bila hasi eta aurkitu ere egin zuen, gorteak aitaren ondasunak ondorengo faltan bahitu baino lehen, eta ondoren Gafsara eraman zuela Rusticori arindu ederra emanaz, neska, gogoz kontra behartuta, han emaztetzat hartu eta haren ondare handiaren hartzaile bihurtzeko asmoz. Baina andreek galdetu ziotenean Alibechi desertuan zela zertan serbitzen zuen Jainkoa, Neerbale ez baitzen oraindik harekin oheratu, erantzun zien deabrua infernuan sartuz serbitzen zuela eta Neerbalek bekatu handia egin zuela bera halako zerbitzu handi batetik ateratzean. Andreek galdetu zioten nola sartzen den deabrua infernuan. Neskak, erdi hitzez erdi keinuz erakutsi zien nola, eta haiek hainbeste barre egin zuten non oraindik ez duten atertu, eta esan zuten: –Ez zaitezela tristerik egon, alaba, hori hemen ere egiten baita ongi. Neerbalek eta zuk ongi serbituko duzue horretan gure Jainko jauna. Ondoren, batak besteari esan eta esan, leku komun bihurtu zuten Jainkoari egiten ahal zaion zerbitzurik atseginena dela deabrua infernuan sartzea eta esaera horrek, itsasoaz honat pasaturik, gaur ere irauten du. Eta horregatik, zuek, andre gazteak, Jainkoaren graziaren premian baitzaudete, ikasazue deabrua infernuan sartzen zeren horrek gusto handia ematen baitio Jainkoari eta bai bi parteei ere, eta hortik on handia etorri eta segitu baitaiteke.
BAIONAKO herriko plazara iritsi nintzen, hatsanka. Jendez mukuru zegoen, solas ozenen ordez marmara ilun eta erdi etsitua nabaritzen zela. Bata bestearen ondotik uhinak bazetozen adin eta jatorri guztietako herritarrak iturriaren aldamenean metatuz. Zenbaitek arkatzak eta lapitza erraldoiak aireratzen zituzten, anitzek Je Suis Charlie zutela aldarrikatzen A5 neurriko paper zuri-beltzetan. Gehienak ezaugarri berezirik gabe etorriak ziren urte hartako urtarrilaren zazpian, bi egun lehenago, Pariseko Charlie Hebdo kazetaren egoitzako eta bi egun beranduago Vincennesko Hyper Casher dendako sarraskiak salatzeko. Haur algarak salbu, bildutasuna zen nagusi. Maddik ahurra nire sorbaldan pausatu zuen. -Behar dinat hirekin mintzatu... Garrantzizko gauza batez... Ez hadila sobera urrundu! -Baina, baina, erradan orain, biak buruz buru gauden artean, hemen ez dinagu deus arriskatzen... -Badun kaskotik hik! Mentsa haiz? Ba ahal dakin zenbat belarri eta begi ezkel dabilen izengabe hauen artean? -Sinetsi ezina! Beti paranoiak jana! -SMS bat igorriko dinat elkartzeko ordurako gertu izango naizenean... Aldegin zuen, briu-brau. Bakarrik utzi ninduen oldearen minean. Bezperan Miarritzeko Wittig Bar tabernan hitzartu ohiko adiskideak bilatzen nituen, Baionako auzapez berria agurtuz, Hendaiakoari bostekoa luzatuz, hor zeuden lankideak zein ezagunak besarkatuz. Ilse begimendu nuen herriko etxearen arkupeetan, Deborah eta Preziosekin eleka. Nolwen, nire andraidea, lanean zen. Zokori zegokionez, aurpegia erabat gordetzen zion zetazko bela janztea onartu zuen egunetik anaiek ez zioten ateratzeko baimenik ematen. Telefonoz egoten ginen apurretan, agerpenak luzatzeko zuen modua jasan gaitzak zitzaigun: -Urrats zehatzak jarraitzekoak ditut, fedearen eta garbitasunaren izenean, baina aitortzekoa dut Miarritzeko gure gaualdiak faltan nabaritzen ditudala! -Zergatik ez duzu ihes egiten? -Erraza ezta, Ilse ? Ezinezkoa zait... Anaiak Siriara gerrara joatea aipatzen du, bere familia osoarekin, txiki ala handi. Damasera eramatekoak gaitu... -Jondoni Paulok argia han ikusi omen zuen... Kikizai artean ahoskatu Preziosen oharrak hotza barreiatzen zuen telefonoaren bi puntetan. Dohako txantxak ez ziren, alor horretan, gehiago zilegi: Zoko negarrez urtzen zen eta Preziosek larderialdi sarkorra pairatzen zuen kide hurbilenengandik –gu ginen, alaina… Espresatzeko Eskubidea bermatua zitzaigun baina hala ere erranaren edukiarekiko kontuz ibiltzekoa ginen. Tragedia honen karietara berriz ikusten genuen gurasoek mailukatu zuhur-bide sakon bat. Manifestaldi isil eta jendetsutik landa, Jacques Lafitte karrikako Txalaparta batzokira zuzendu ginen. Les Bascos batasunaren hegal pean, aurreko ekaina hondarrean ireki zen Ipar Euskal Herriko eta Hego Landetako gay jendeak, lesbianak, trans eta queer oldeak juntatzeko lekurik egokiena. Ordu zen! Txakolina baso-erdi bana hartzen ahal genuen ondorioz, besondoak altxatuz Celine Dionen I’am Alive abestiaren neurrian: hoberik ez zen, hori, hori egiazko bizitza! Zarata orokorraren erdian, minutu zenbaiten buruan, senditu nituen asperra eta berantetsia nigan igotzen. Hondar egunetako gertakariak komentatzen genituen, sutsu, hizka-mizka. Mugikorra dardaraz zebilkidan sakela zolan. Maddi deabruaren SMS bat zen: itxt ht. Poternako laugarren atariaren maldan. Hator bakarrik. Betidanik misterioz troxatuak ziren Maddiren mezuak. Kolegioan ginen elkarrekin. Ez zituen han bere ipurdi mazelak biziki larrutu. Hamasei urterekin ezkondu zen, iragaitzazko soldadu batekin. Hiru haur munduratu eta nehork ez zuen zehatz jakin zergatik aita-amen etxera itzuli zen bizitzera bakar-bakarrik. Zientzia ezkutuetan bezain new age kutsuko garapen pertsonaleko tekniketan trebatu zen. Mahaiak ingura arazten zituen iragana eta geroa ezagutzeko, karta esoterikoak tiratu aitzin bere bezero aberatsen konturako. Kinka larrian bide zitekeen Amaia Ezpeldoi, detektibe hiper-erruralaren premian baldin bazegoen. ORTZEAREN grisa, harresietako huntz hostoen berde ilunarekin ederki ezkontzen zen. Nolwenen ihardesgailuan mezu laburra utzi nuen: mtzt. Eguzki izpirik ez agertu arren, Maddik animaleko betaurreko beltzak zeuzkan sudur hezurrean pausatuak. Incognito pasatu nahi baldin bazuen, ba ... garbi zen ez zituela diskrezioaren arauak errespetatzen. -Zeren beldurrez habil? -Amaia! Apalago! Gibeletik ditinat... mehatxuka! -Nortaz ari haiz? -Ez haiz deustaz ohartzen ala? Esku-muturra gatibatu zidan eta gotorlekuaren maldako leku are gordeago batera tiratu ninduen. Begitartea zurbiltzen eta ukaraia ikara ari zitzaion: erakunde armatua indarrean zebilen garaietan, euskaldun jende arrunten argiki elekatzeko izua ulertu nezakeen, baina bazen hiru urte jada nolabaiteko bakea dastatzen genuela gure lurretan... zerk zuen bada Maddik horrela beldurtzen? -Herritarrak oro informatzen ditinat. Banan bana. Sekretuki. Astelehenean bilkura ba dinagu, udaletxeko sotoko gelan eta han ikusi nahi haut. Aitzakiarik gabe. -Zer gertatzen da Oragarren? Zer dun misterio zital hori? Xehetasun gehiago eman behar datan... -Datan? Ez duna didan ahoskatzen ahal besteek bezala? ZUP-eko biztanlea irudi dun. Didan ahoska ezan… eta guztia hire dukeen. -Bakea ematan... Ez gaitun Euskaltzaindian... datan ala didan berdin dun ez? Zer daukan ZUP-aren aurka? -Nik? Ezer ez… -Eta gainera aitorra nekea dun hik! -No! Hortxe txostena! Osorik… irakurri ezan… zortziak eta erditan, astelehenean, izan hadi! Gutun azal beilegia muturrera aurtiki zidan. Harresien arteko xendra sugekoi hertsietatik desagertu zen, lasterka. Presaren presaz, betaurrekoak lurrera erori zitzaizkion. Paper zionea plegatu eta bizkar zakuan sakatu nuen, Txalapartan berandu arte geratuko ziren adiskideetara lehiatzeko. Victor Hugo karrikan behera nindoan Nolwenen SMSa erdietsi nuelako soinua hautematean. Ez nuen esperantza handirik ukan behar: nire polizia inspektorerik gogokoena gaueko zerbitzuko zatekeen. Ahots goraz erratea garratz zitzaidan: neure maitasun eder eta bitxia, baina egiazki pentsatzen nuen hori, nire jatorrizko jendartearen onargarritasunaren mugak gainditzen zituzten barne-monologoetan galtzen nintzenean. Banekien ondorioz zer egin, Amodio egin ezik, Jean-Philippe Toussaint idazle handiaren liburu titulu baten oihartzunaz balia: orainaz gozatu musika entzunez eta edariak hurrupatuz, Baionako LGBT gune xaloaren altzoan, etxeratu gero, eskuak sakeletan, Maddik eskaini dokumentua arraposki arakatu aurretik. Oheratu aitzin dutxa sakona hartuko nuen, Dédé eta Karimekin zaborra biltzen iragan egunean zehar, larruari itsatsi zikin ustel urrinak bertatik ehizatzen saiatzeko. Eta menturaz ETB katearen Nahieran sailean pilotari profesionalen binakako txapelketako partida baten ikusteko parada ere ba nukeen: Ezkurdia eta Zabaletaren aitzinatze distiratsua miresten nuen eta Olaizola eta Beroizen kalbario sufritua nire larruan bizitzen. Xala pantailaratzen ez zen bitartean, ez nekien zer edo nor sustengatu, distira eta itzala, biak ala biak, nire gogokoak zirelako arras! Bezperan Wittig tabernako tauladan miretsi nuen Melania Balduino gogo-dantzariaren keinuez oroitu nintzen, nola biluzi zen astiro, lizun eta deigarri, larruzko azotearekin ikuslegoarekin larderiaz jolasten zebilela. Bakarrik izanagatik ez nintzen sekula aspertzen. EGON GELAN plantatu nintzen, Maddik salbaiki botatu txosteneko orrialdeak, mahaian barreiatuz. Karrikatik zetorren argitasun ahularekin aski banuen letra urri ezkelez garatzen zen testuaz jabetzeko. Kasko zokoa, kalaka oihar eta txakolina aire oroitzapenez mukuru neukanez, egia erran, kontzentratzea ez zitzaidan aisa, den-mendreneko perpausa ulertzeko. Nahiago nuen pentsatu Lafitte karrikako Txalaparta ostatuak ba zekiela Lapurdiko queer herbal eta apaletsien ederki errezibitzen, nehor jujatu eta epaitu gabe. Zoramen mental giro horretan nengoen Hazketa 2010 elkarteak uztailaren 2an eskaini prentsaurrekoaren mamia begietara jazarri zitzaidanean. Zertan ari zen Maddi? Ez zen Hazparnekoa sortzez. Zein saltsatan sartua zen? Hatapataz aipatu zidan bilkura, Oragarren iragarria zelakoaz gogoratu nintzen. Zein zen Hazparne eta nire herriaren arteko lotura? Galderak baizik ez nituen eta Maddik ez zidan bere telefona zenbakirik edo e-zuzenbiderik utzi. Ez zen batere post-modernoa. Eta ni, galdua, ez jakin xehetasunak nori eskatu. Björken Vulnicura obra berri-berriko bederatzi kantak gatibatzen zituen USB giltza sartu nuen ordenagailuan: bakartasuna gustatzen zitzaidan, baina ez nezakeen isiltasuna jasan, lanean edo irakurtzen ari nintzenean: -Hazparne, euskal kostaldeko zabor lurperatze zentro bihurtu zutenean sortu zen Hazketa 2010 elkartea. Hogei urte duela. Hazketa zikindegiaren zerratzea 2010etik 2015era gibelatzea lortu dute. Bil Ta Garbi erakundearen joko bikoitza salatzen dugu: erabiltze epea luzatzea eta eremua handitzea aurre-ikusten dute. Bastidan ala Hazparnen bertan, ordezko lekuak bilatu dituzte baina hain motelki non Hazketa baliotsuaz beste aukerarik ez zaien geratzen. Bil Ta Garbiko buruzagiei, dibertsio egitea leporatzen diegu, bai eta eskualdeko zatar elkarteen baitan haserreak piztea, Hazketan dituzten xede kaltekorrak ahantzi ditzaten. Atom Dance puska atzean soinu, Hazketako lekua zitaltzen zuten gaitzen zerrenda begiratu nuen: -Ez gaitezela harritu ibaiak eta kostaldeko hondartzak kutsatuak baldin badira, ezen Hazketan tratatu ezin diren ur pozoitsuen haboroxiena errekara isuria baita, bereziki euri handi egunetan, -Urrin zatar eta okaztagarriz airean barreiatzen diren biogasak berreskuratzeko baliabideak eskas dira, -Lurrak mendeetarako ustelduak dira... erran dezagula 1975 baino lehen zegoen zikindegi ez-kontrolatu baten gainera etorri direla 65000 tonelada urtekal, bi hamarkadaz. Musuñuñuen munduan bizi nintzen, euskaldun batzuek zituzten egiazko arazoetatik mila argi legoatan. Maddi panpoxa, usain on karioak soinean ibiltzen zenaren eguneroko kezka zaborra zen, zaborraren metaketa, adarra, ekoizpena, bilketa, birziklapena, tratamendua, garraioa, garapena, ... hitz potolo horiek guztiek buruko min doloretsuak eragiten zizkidaten. Zutitzen saiatu eta, zabor-mozkorra zitekeen, kanapearen magalera lehertu nintzen, astun, matahame. Redios... Erortzean, hozkailuaren aldamenean zegoen zikin ontzi gris-gorria bulkatu nuen ostiko itsu batez: jogurt poteak, lur-sagar eta pastinarre axalak, plastikazko poltsak, kartoiak, tetrabrikak, berina ezkailak, egunkari zarpailduak, kafe ilun filtroak, denak, berduratu ziren banpez karrelajearen espazio leunean. Ikusgarria ez zen baitezpada gozoa. Eduki anizkoitzari begira geratu nintzaion, tetele. Arazoaren hasmenta zetzan, hor. LIXIVIAT. Hitz bitxia zen. Arrotz zitzaidan. Nire Fiodor adoratuaren Deabruak bezain beste pasioz segitzen nuen Goenkale telesail estimatuegiko kapitulu baten beldurrezko izenburua izan zitekeen edo Mariano Izetaren Dirua Galgarri eleberriko kuterman elerik arraroenaren antzekoa. Maddiren paperek seinalatzen zidaten misterio etengabearen pikorra argitzeari ekin nion Ehizor bilagailuaren orrialde bat zabalduz. Mugikorra dardarika, mahai gainean: -Nolwen? -... -Nolwen? Zu al zara? -... -Ez da txantxetarako ordua... Nolwen? Otoi... -Nire urrezko erraztunak, hirotzear dagoen esku-mutur baten laugarren behatza hornitzen du. Ernatu zaitez. -Erraztuna galdu duzu eta aurkitu diezazudan nahiko zenuke? -Ez, hila naiz, aspaldian. Ez zaitezela arrangura. Ez dut deuseren beharrik. -Non zaude? Nolwen, badakizu, ez dut batere irri egiteko gutiziarik... -Ez naiz Nolwen. Lo-hilean natza, Zuberoako mugetan... Hats hartze erlats eta artegatsua hauteman nuen linearen puntan eta izuaren uhin hotzak bizkar hezurra hormatu zidan. Ez zen Nolwen, argiki. Are gutxiago Maddi. Nor izan zitekeen, horrela gauaren erdian, izenik eman gabe, niri deitzeko? Eta nik galderak egitean, mutu geratzeko, menturaz nire baitako beldurra areagotzen nabaritzen zuen bitartean. Bat batean, Basabürüako Egün Bereko Alargüna edo Bereterretxen Kantore-ko zoritxarreko pertsonaia batek garunak gatibatu zizkidan: ikusi nuen Margarita Ezpeldoi bere maitalearen atorra odoltsuak latsen, Junes Xubururen begirada jostariaren menean bukatzen zen ziren Atarratzeko maskaradetako atabal soinuaren erritmoan. Ezezagunaren ahots kakolak memoria harrotu zidan. Ez, ez zuen eskubiderik. Amaia Ezpeldoi nintzen: Parisen lanean hezia, Mauleko Peko Arrüan detektibe rüral bihurtua, Baionako garbiketa zerbitzuetan hondarrean sartua, pistonarik gabe, lesbiana plazaratua, asumitua engoitik, euskalduna, abertzalea izan gabe.. ezaugarriak herrokatu nituen, kopetan behera lerratzen zihoakidan izerdi karroindu birlatxoa eri zaintsuaz lehertuz. Egiaz, ez nintzen fida. Segurtatzeko premia neukan. Kontzentratzeko. Ah! Bai... Ehizor bilatzailea: lixiviat... Latinezko lixivius eletik dator eta euskaraz lixibiatua erabiltzen ahalko genuke jatorria eta zeregina biak errespetatuz. Edozein geruzaren baitatik perlatuz, hartzitzen zein mazeratzen utziriko hondarkinetatik, zikin puloetatik eta konpostetatik isurtzen zihoan likidoaren izena da. Makinari esker, kafea, adibidez, lixibiatu perfektua bat da. Hoberena agian. Hazketakoak segur aski ez ziren edatekoak. Ikasiak ez ninduen baketu. Nolwen, non zaude? TELEBISTA piztu nuen, sofan etzanik ez nuelako auzoen lardaska saio zaratatsuaren pairatzeko gutiziarik. ETB Kantxa programatu nuen. Artola eta Albisuk irakastaldi zorrotza eman zieten Olaizola eta Zabalari: ez bide zuten horrelako zafraldirik merezi baina, zena zelakoa, frontisean pilotaren klaska ozen bakoitzari esker, gainekoen orgasmo abere orroek belarriak bederen ez zizkidaten kolpatu. Aitor dut, nire erruz, bakarretan Björken aditzera behartuak zirela, azkar eta buklean... Berehala, lixibiatua ubelez itorik hazi zitzaizkidan ametsak. Maite nuen emakumearen aurpegia zirrimarratzen zuten olio kutsatuz busti burdinazko atzamar gosetiek. Mandruna kea altxatzen zen, zatar meta horien suteak trabaturiko andere gurutzefikatuaren poro guztietatik. Ezpondan nengoen, kobalto koloreko laino trinkoz troxatua, jauzi egitera ausartuko nintzenez galdezka. Gaztelu suntsituaren hondarren artetik jazarri zitzaidan piztia, bular biluziak balantzaz, mehatxulari, erasiatzen ninduela, ez nuelako keinu zipitzik egin haren salbatzeko. Amodiorako tirria piztu zitzaidan. Negarra neukan begian. Hatsanka nenbilen... ... Mamuak sorbalda malgorra ukitu zidan: -Iratzarri zaitez! Zer gertatzen zaizu? Arren, hatsa hartu ezazu! -Non nago? Nor zara zu? Nora naramazu? -Nolwen naizela... Neska lagunaren beso arteko gerizara ernatu nintzen. Harriturik so zegokidan. Ez zuen ulertzen zergatik neukan halako beldurra. -Amets txarpoila baten gatik? -Norbaitek deitu nau! Ezezagun batek! Boz astapito bat bazuen eta haren urrezko erraztuna bilatzeko manua eman dit... -Ametsaren zatia da hau ere? -Zuberoako mugetan hilik zetzala erran zidan. Zuberoa aipatzen didatenean, epopeia tragikoen oiharrek itotzen didate buru-zokoa. Horrelakorik ez nirekin! -Lasai, Amaia, lasai.. Konta iezaiozu dena, hasieratik. Nolwen begiz segitu nuen pistola eta bere zorroa altxatzen armairu zuriaren goiko apalean. Lotsatzen nintzen orduan. 38 bat baneukan nik neuk ere baina Pannecau karrikako bulegoan abandonatzen nuen, giltzaz zerratu tiradera batean. Mauleko Pentotx izengoitiarekiko lankide komunista ohiak, sekretu handitan, oparitu arma erabiltzera ez nintzen menturatzen. Gazteluko ahanztokian bildu ginen tratu historikoaren finkatzeko, lekuko pasatze bat obratzeko hots: -Noizbait dirua behar baldin baduzu, aski duzu saltzea, eusko meta polita erdietsiko dukezu. Horrelako zaharkeria hartzaile franko bada sasietan. Oizu, bi liburu zuretzat! Sosez okituko zara... -Marxen Kapitala eta Axularren Gero... Pentsa, aberastuko naizenez... biak ere gerotik gerora, etorkizun distiratsu eta hitz-jate artean zebiltzan gosaio hamikatuak… Hobeko zuten Etxandiren lantegian ari izan balira!! ! Oroitzen nintzen oraindik, neukan irri karkara inpudikoak Pentotx gaizoa trenpu-txartu zuela, eta 38-a nire aurka baliatzeko zorian egon zela minutu apurretan. Mauleko Gazteluaren ahanztokian ez ninduen nehork aurkituko. Eta bihi batek ez zuen nire desagertzea deitoratuko, gaur baino are adiskide gutxiago nuelako garai hartan. Nolwen larru-has zetorren. Jantziak kendu zizkidan, astiro. Ezpain hezeak lerratu arazi zituen nire lepondoan behera diti puntetaraino. Zoramen izutu egoeratik atera nintzen, ezkerreko belarri gingila odoleraino ausiki zidanean: -Kontatu iezadazu dakizun guztia... -Errealitatearen zehaztea zaila zait. -Zer dakusazu, hor? Bibliotekan? Erradazu! -Kapitala eta Gero... Baina zer gertatzen da? Doi-doia mihitan neuzkan. Kointzidentzia da. Ez da posible... -Nor da Maddi ? Eta urrezko erraztun istorio hori? Zein da bi aferen arteko haria? LOAK ERAMAN zuen Nolwen. Azantzik eta mugimendu faltsurik gabe atera nintzen ohantzetik. Ez nuen andraidea esnatu nahi, galdezka zinpurtuko zitzaidalako. Ez zitzaidan sekula agitu hainbeste luzaz emaztegai berarekin jardutea, baina harremanaren iraunean gutxien jasaten nuena jeloskeria mingarri hura zen, hala nola leporatzen zidan gaitz olde bortitz bota ondoan, barkamena ez eskatzeko modu haurkoia, guztia ikusia, guztia bizitua, guztia garraitua eta arrazoia beti bere edukitzea. Noski, denborarekin ez nion den-dena salatzen, alaina, ulertzekoa zenez, bera Baionako inspektore nagusia izanez eta ni detektibe pribatua. Interesak, manta artetik kanpo, ezberdinak genituen. Goizeko seiak eta erdiak ziren. Maddiren paperak berriz irakurri nituen, diagonalean, urrezko erraztun ospetsuaren aztarnak somatzea helburu. Atera nintzen, isil. Segur nintzen zer edo zer ba zegoela goroztegi horretan. Kalean, gazte saldoa gurutzatu nuen, etxera bidean: Aviron Bayonnais errugbi taldearen himnoa marrakatzen zuten, ahoak eman ahala, hurbilean mobileta brikolatu baten petarradaz lauhazkaturik. Adineko goiztiarrek, plantakoak eta behar bezalakoak, zakurrak paseatzen zituzten, espaloiak kakaz perdukatuz, alegia deus ez. Garbitzaileak iraganen ziren beranduago, nire lankide zohituak, palak ahurretan, mordo ketsuak kentzeko. Errobi ertzean gelditu nintzen. Hausnarrean eta arranguratua. Distiraz zetorren neguko azkorria. Argitasun gorriek ekialdeko ortzea sutzen zuten eta zazpiak jo zituen San Andres elizako zeinuak. Ubarroi laukoteak zeru zoharra beltzez ttakatu zuen. Zoragarria zen. Atseginezko intziria askatu nuen, soa lurrera apaldu eta odol hatzak zehaztu nituen. Pannecau zubia zeharkatu nuen. Merkatu tokia saihestu. Espainiako karrikara iristean, ezker ala eskuin jo aitzin, gelditu nintzen apur batez: katedralaren aldera zuzentzen zen odolaren haztegia. Poternako tunelaren maldan atzeman nuen azkenean isuria burrustan zetorkion gizona. Ez nintzen kikildu: -Laguntza behar duzu? -Zertara zatoz? Segitzen nauzu ala? Zakurra igorriko dizut! -Lasai. Arren, mintza gaitezen gizonki... -Gizonki? Zurekin? Poliziakoa zara ala? -Ez etxit. Detektibea naiz. Nahi duzu mediku bati deitzea? -Utzi bakean. Erran dizut! -Lasai, mugikorrik ez daukat nirekin. Ez zen egia baina urruntzeko keinua egin nuenean, atzetik etorri zitzaidan, otoitzez: -Jo naute... odolusten ari naiz... konfiantzazko mediku batengana eraman nazazu. -Goazen. Taxia deitu dut. Paulmy etorbidearen hegian igurikatzen gaitu. Larrialdietara lagunduko zaitu. Tori, hogei euro... zer agitu zaizu? Besapetik hartu nuen eta trinkili-trankala aipatu lekura heldu ginen. Autobus geltoki hutsaren aterbean jarri ginen elkarren ondoan, deus ez bailitzan. Kolpatuari, zikin, pizza eta goitikin urrina zetorkion. Zinezko zaborra bilakatua zen, txirotasunaren zurrunbiloetara belaunaldi osoak aurtikiz, opulantziaren eta arrogantziaren mendeak ekoizten zituenen antzekoa. Jada, baina, mututu ezina zen: -Andrea joan zait duela hamabost egun. Ez dakit bizirik ala hilik den. Gaur, ostatuan nintzen, arraila, sartzen ikusi ditudalarik. Aspaldian pataska bilatzen didaten bost mutiko azkar... Ez dakit zergatik. Emaztearen desagertzea leporatzen diet. Karrikan nago azken urte hauetan. Egoitza Finkorik Gabe. Jo naute, begira, odol hortik darit! -Hortxet duzu taxia... -Mila esker. Gaurkoa ez aipatu nehorri. Ez duzu ezer ikusi. -Zuberoa ezagutzen duzu? Algara lehorrak inarrosi zituen abenidako zuhaitzak. NOLWEN jaiki berria zen, oinetan hegalari, apartamentuan sartu nintzenean. Agerroiki eta amodioa azpimarratuz, igandeko Sud-Ouest egunkaria jarri nion begi pean, pastiza puska binarekin. Banekien gertakari arrunten orrialdera presatuko zela, istripuzko zein borondatezko herioen aitzakian Emanuelle Féré kazetariaren lumatik jauzi hitz palpagarriak irakurtzeko. Loriatzen zen, eta nitaz gain entzulerik ez izan arren, ahoz goraz distilatzen zizkidan agituaren xehetasun morbidoak oro. -Zuberoko mugetan gertatu erailketarik aipatzen dute? -Hmmmm... ez dut horrelakorik kausitzen. Banoa, salgaietan urrezko erraztun proposamenik badenez ikustera... ez da fitsik! -Bardako telefona ukaldia ondorioz nirekin jolastu nahi zuen baten batena zitekeen. Nola esplika bestela? -Hala ere... artikulua bada Sarrikota Peko zikin lurperatze guneaz. Maddik eman zizun txostenaren ildotik dator: heldu den ostegunean eremuaren handitze lanak abiatuko dira. Lehen harria pausatzeko ekitaldian, prefeta hor izanen dela erraten dute. -Baia? Zinez interesgarria. Inguru horretan gauza izugarririk suertatu denez ikertzen ahal duzu zure fitxeroetan niretzat? -Zergatik eginen dut hori? -Zu zarelako... ni naizelako! Touchée. Kafea kontra-zulotik joan zitzaion. Eztulka hauteman zen ondoko hiru minutuetan. Zafla motz bezain samurrak ematen nizkion bizkarrean, lasaitu zedin behintzat. Irriz urratuak bukatu genuen: erridikuluak ez zuen nehoiz nehor kalitu. Ez gintuen adinak hobetzen. Maite ninduen, baiki, eta nik ere maite nuen, eiki. Erraza zirudien baina noiztenka arrangura etikoek, etengabe, burn-out gaitzaz mehatxatu gure egunerokoa larrutzen ziguten, bion arteko loturari zegokionez, demagun: hari ikusi ezina zen, uztarri astuna ala aitzina tematzeko baliagarriak ziren zapata erabiliegiak. Galdera erantzunik gabe zetzan. Zena zelakoa, guztia egiteko prest ginen bata bestearentzat. Unerik egokiena zen: -Zure Renault 5 zaharra prestatuko didazu arratsalde honetan? -Nora joateko? -Maddirenera. -Oragarrera hurbilduko zara Hazparnen gaindi? -Maddi ez da han bizi, Bidaxunen baizik, Amikuzeko Oihaneko bide gurutzean. Gero joango naiz joan behar dudan lekura. -Baduzu haren zuzenbiderik? -Yes, my love… Zer uste zuen? Hasi berrietatik nintzela? Ez nuen Maddi abisatuko. Sorpresaz sartuko nintzaion sukaldean eta harrapatuko nuen gosturik hoberenean yoga egiten, House Medikua telesailaren hondar atalen aitzinean. Irudikatzeak berak ikara orgasmikoa hazten zidan larru azpian. Kontuz ibiltzekoa nintzen. Nire ezinegonaz ohartu zen Nolwen, baikor. Giltzak luzatu zizkidan, ezpainak oilo-ipurdi zimurtu moduan bilbatu eta, urrunetik, musu-luma igorriz: -Kasu egin bide horietan! -Nabilen abiaduran arriskurik ez dut. -Hala ere… Atea klaskatu eta eskaileretan behera lehiatu nintzen. Nirea zen destinoa. ATURRI hegiak okrez distira zeuden, irratiak berriak jarraian eskaintzen zituen bitartean: Charlie Hebdo eta Vincennesko Hyper Casheren kontrako sarraskiak salatzeko, Parisen, ehun milaka jende bildu ziren. Mundu osoko arduradun politikoak eta buruzagiak, Errepublika Plazara autobusean heltzen deskribatzen zituen aurkezlearen ahots sakonak. Jendetzaren eta gobernarien artean, sinbolikoa baino gehiago zitekeen lezea zabaldu zen: unean uneko premien arabera, nahieran, indartsuek manipulatzen zituzten defentsarik gabeko oldeen abandonua zehazki itxuratu nuen orduan. -Betiko leloa, manatzaile handikiak ideologiekin jolasten dira eta behe-mailako arruntenek dute egundainokoan pairatzen bezain pakatzen. Suak pizten badakite baina ez itzaltzen, alderantziz, suari buhadaz ari dira, munduak hain zuzen, beraiek salbu, errea bukatu dezan. Ez dute nahikoa kemenik erlisioneen bizkar irekitzen diren labakiak eragozteko, den-dena etxeko probetxu erabiltzen dutelako. Beldurrean entzerratua irautea zen modurik egokiena, betirako kontsumoan tematuko gaudela ziurtatzeko, artegatsu, mendeen azkeneraino. Jainko guztiak bat datoz behingoz ideia honekin! Autobideko atarian, geratu nintzen, zalantzaz: Hazparnera joan ala zuzenka Bidaxunera zulatu… Kurlo karrankak hauteman nituen Ahurti aldetik. Kopeta altxatu eta urtarrileko haize hotzaren pleguetako zeru urdinean V erraldoiak eratzen jarraitu nituen, saia eta saia, astiro eta zalu, norabidea urratu zuten arte. Hegoalderantz galdu ziren, urdin argitsuan. Maddik, gogoz kontra, errezibitu ninduen baina kafe beroa eskaini zidan. Plazerrik gabe. Telebista itzali zuen. Bazekien etorriko nintzaiola. Ez hain laster ordea: -Bilkurarako hire izena erantsi dinat, Amaia! -Super… horregatik etorri naun, baina ez bakarrik! Poternako hitzorduaren funtsa agertu behar didan… zergatik hainbeste misterio? -Txostena irakurri dun? -Bai noski… Zein da hire eta Hazketa 2010 batasunaren arteko lotura? -Ikusi dun barneko kolorezko argazkia? -Bistan dena, eta? -Gure herrian antzeko lurperatze gune baten irekitzeko xedea diten. -Non? Oragarren? Alde bietara mugitzen zuen burua, gora, behera. Bai, bai eta bai. Kikara ahurrean neukan, biribilka, berriak harritzen ninduela aitortu nion, Oragarre ez zela erdigune erraza, biderik eta azpiegitura izpirik ez zegoelako. Maddik bitxiki begiratu zidan, arras inozentea banintz bezala: -Zein mundutan bizi haiz Amaia? Iratzarri hadi! Guztiz ahaldunak ditun. Aski diten erabakitzea eta herrian bertan ados den gizaki bakun bat aurkitzea, proiekturik sekretuenak bururaino eramateko. Desertuaren minean ura iradokiko luketen nahi izanez gero… Beso muturraz bulkatu ninduen. Biduze ibairantz irekitzen zen ezkaratz ilunaren kantoian bi pantaila erraldoi zeuzkan ordenagailuaren aitzinean gelditu zen: -So egion satelite zelatariek estratosferatik ateratako irudi honi! So egion ongi! Hazketa dun… -Bai? Ez dinat ezer ulertzen… -Hogei hektarea eskaseko eremuak gurearen antzeko paisaia bukolikoan leku handia ebasten din. Baserriak baditun eta jendeak hor bizi direnak! Eta errekak. Basakeriaz konturatzen haiz ? -Zikinek nonbait behar diten ez? -Bai, Amaia Ezpeldoi, arrazoia dun: nonbait behar diten, hire baratzean ez den ber… laster hire sor-etxe ondoan edukiko ditun! -Sinetsi ezina zaidan! -Ba bai, Oragarreko Bartetan, Tartas oihanean! Beraz profitatzen ahalko dun arraiki isuri malgu eta beltzez, urrin bizi-biziez, bat bateko suez eta bapore uhargiez. Ez nuen uste hain ez-axola hintzenik. Hazketako kideek berantetsia diten ixteko hitz eman zitzaien eguna, maiatzaren 29a hain zuzen. Egiaztatuko dena, Oragarreko deskarga zabaltzean… Maddik harrapatu ninduen kontzientzia txarraren eta nire mendeetako axolagabekeriaren zepoan. Agerikoa alaina. Maddik ezagutzen zuen nire izaera antsiatsua eta hiper-atzarria. Baina banekien ez nintzela perfektua: zakarrak nahas-mahas sartzen nituen, plastikazko poltsetan, sailkatu, bereizi, hautatu, bahetu eta naturaren arabera, kontainer ezberdinetan zetabatu gabe… Gertatzen zitzaidan halaber, haserre nintzen azkorrietan, espaloietan abandonatzen ziren zakuak ostiko haserretuaz zartatzea eta eduki kiratsaz harritzea, egunkariak, lur sagar axalak eta tanpax odoltsuak begirada okaztatuaz zehaztuz. Orduan nire koleraren neurria bere oinarrietan apaltzen zihoan: zabor ibiltaria naiz nerau ere. Eta baikorra, horrekin… Maddiren eskua sudur puntan nekusan, kulunkaz: -Amaia? Hemen hago? -Zer erraten hidan? Zertaz ari ginen? -Hazketako zikindegiaz eta Oragarreko proiektuaz. Asteazkenean dinagu lehen bilkura. Etxe bakoitzetik norbait agertuko dun. Han izango haizela espero dinat. -Ahal dudan guztia egingo dinat. Zortziak eta erditan? -Elkarrekin joango gaitun! Mihi bizkarrean nekarren galdera sutan. Bixkotxa idorra trenpatu nuen kafearen epelean. Telefonoak jo zidan baina muzin egin nion: -Batek galdu lukeen urrezko erraztun batez entzutea badun? Zuberoako mugetara lehiatzera bultzatzen nindinan barda, ahots anonimo lakarrak. Han bada zabortegirik? -Eskua bilatzen badun erraztuna aurkituko dun. Herenegun, Bidarteko hondartzara, itsaso ilunak aurtiki lepo eta beso motzeko emazte hilotzarenak dituzkeen! Zer gehiago nahi dun ? Kafe pegarra xurrutegira eraman zuen, sinesgaitz. EGUZKIA sartzen zihoan. Biduze nagiaren meandroak bihurdikatzen ziren Agaramontarren gazteluaren maldan. Hausnartzeko premia neukan. Erabaki nuen Bidaxuneko israeldarren hilerrian nire kezkaren jabaltzea. Maddiren trufazko oharrak ahantzi nituen. Ez nekien zer xerkatzen nuen funtsean, eta nor zen xerkatzera bulkatzen ninduena. Neguko haize hotzak, lurrean etzan harri lauzen arteko belar meharrak balakatzen zituen. Urrunean, zapelatzak batera jolasten ziren, ene atsegin hutserako. Mundutik kanpo nengoen. Vivaldi eta Spinoza dantzari neuzkan aitzinean. Ederki konpontzen ziren biak eta pentsamenduaren alorra iraultzen laguntzen zidaten: -Zuberoako zabortegi hartara joan nadila! Gaur bertan. Nolwen kexatuko zen, normal, baina zer? Ez ote nintzen, Ipar eta Hegoa bilduz, Euskal Herriko detektibe erruralik ospetsu eta eraginkorrena? Lehen bidealdian Hazparnera beharra naiz. Berehala. Mugikorra ikaratu zitzaidan. Maitalea zen, ezti eta deigarri, lanetik: -Non zara zu? Berantetsia natza… -Bidaxunen naiz. Ez naiz Baionara itzuliko gau honetan. -Ondoko bi egunak libre ditut eta ez gara egongo? Erradazu nirekin ez duzula deus gehiago xede: hori da? -Nolwen! Zu beti azken burutik nazken muturrera! Izaririk ez duzu! Lanean naiz, lanean naizela… ene bizibidearen zati bat da. Zakarrez blai nabil, jakin nahi baduzu… Bidenabar, aurkitu duzu zure fitxeroetan, azken hamarkada honetako emakume balizko desagertze aztarnarik? Egoera jabaltzekoa nuen. Hilerri israeldar txukunaren erdi-erdian batez ere. Leku ederra, hausnartzeko. Portuges jatorrizko izenez zizelkatu harri grisetan luzatzen zihoan zuhaitzen itzala. Isiltasun talmudikoak gatibatu ninduen, bat batean. Ez nuen arraposturik igurikatzen. Nolwenek alta jarraitu zuen: -Ez dut ezer nabarmenik aurkitu. Haatik, tratu txar eta bortxaketa kasu anitzen lekukotasun zitalez mukurutu txostena arakatu dut. Oroitzen zara, maleta lodikote batean giltzapetua, Tarnoseko oihanean agertu emazteaz? Hila, bistan dena. Korrika egiten zuen mutiko batek abisatu gintuen. Eta beste bat atzeman zuten, oraino, Otsabideko kultura etxea eraikitzeko oinarriak zulatzen ari zirenean, baina hezurra baizik ez zen. Adibideak herrokatu nitzake… tai gabe. -Zure solasek mareatzen naute! Munduko Miseriaz asea naiz. Ez nauzu asko laguntzen. Helatuko zaitut beranduago. Ateka gaitz honetatik, bizirik ateratzen baldin banaiz bederen! -Ez nirekin kontatu zure bilatze deiaren egiteko! -Alaina… maitea! Arrastiriak samurki troxatzen zuen, uztear nengoen Bidaxuneko hilerria. Spinozaren haurrideek lasaitasuna merezi zuten. Vivaldiren negua musikaldiaren bigarren mugimendua ozendu arazi nuen nigan eta autoraino eraman ninduen musikaren eta errealitatearen arteko egokitasunak haziriko hunkidurak: aharra partida bat edo beste, Nolwen maite nuen eta haren premia neukan. Hobe erranik ezta? Beskoitzen gaindi urratu nuen. Gaua perfektua zen eta autoko irakurgailutik zetoren Björken melopeiak, modernoak, etsipenez eta musika aurkikuntzaz gainezka, areagotzen zuen nire barne-betetasun sentimendua. Azkenean, Hazketa auzoan nengoen agudo, ez ordea sobera fida. Zainetan. Edozer gertatu zitekeen: izenik gabeko piztiaren ala aurre-seinalerik gabe agertuko zitezkeen zaindari armatuen jazarraldia. Larruko poroetatik beldurraren lurrina altxatzen somatu nuen. Kontuz, kontuz: Maddiren argitzapen eleak nituen gogoan. -Gaueko zazpietatik hara ez diote publikoari biderik onartzen. Ez zekinat guardiarik ba denez baina berrikitan kamera zelatariak ezarri dituztela irakurri ninan egunkarian. -Berdin zion… ez zekinat zer bilatzen dudan ere. Urrezko erraztun batekiko behatz hirotu bat, Oragarren egitekoa duten zikinen lurperatze gune baten proiektua edo ahots misteriotsu bezain erakargarriak azpatu xendratik lerratzea. Hargatik segur naun, nonbait, noizbait krima bat izan dela, metaforikoa edo erreala! -Ongi ezagutzen haut Amaia! Tematu hadi. Ihardoki ezan. Erakutsi hor haizela! Irabaziko dun… guztion miresmena. Gutxienez. Ez ahantzi esker onez zeken gabiltzan jendaldea garela! Utikan Maddiren zuhur-hitzak! HAZKETA zabortegiaren atarian nengoen. Site sous videosurveillance. Denetan lelo bera zen. Metano azkar eta arraultza ustel urrin azkar artean altxatzen ziren debeku panelak. Paradisu antzeko bat. Euri-urak gatibatzeko piszina hertsatzen zuen hesi orlegi goraren itzaletik jo nuen, balizko azeri zulo bila. Debaldetan. Ortze-muga hausten zuten hiru karbono-hodi urdin eta etanola nasaiki airera igortzen zuen kolorerik gabeko tximinia lodia ageri ziren ibarraren zolan. Sinetsi ezina. Hazparnera anitzetan jo arren, ez nintzen sekula ohartu, minik eragingo ez zuela zirudien baserriko berdetasun liluragarriarekin baltsan zetozen instalazio erraldoiak ba zirela, abere lanjerosak bailiran. Artega, oinez zuzendu nintzen, Peña auzora zihoan bide hertsiko gurutze-unera, beste sarrera baten aurkitzeko. Hargatik, zabortegia bastatzen zuen belardietan barna urratu nuen mendi artifizialen asketatik lerratzen ziren uren kolore uherrak begiratzeko : ur grisa, naturalagoarekin nahasten zen. Eskualde hauetan bizi ziren auzoen lasaitzeko, lurrean finkatu irekidura borobila eta uherra ikusi nuen. Herritarrek horrela, hodietan zebilen uraren garbitasuna beraien begiz miresten ahal zuten, nahieran: zer demontre zuten bada ezerengatik haserretzeko ? Lurperatze zentroaren buruzagien pentsamendua erraz irudikatu nezakeen, nerauk ere haien hausnarrak hitzez hitz errepikatu nitzakeelako. Ez nenbilen harro, eta irri karkara zozoa askatu ondoan, abiatu nintzen, beribil gurpilez harrixka pikorrak kirriskatuz. Maddik oparitu IGN karta xeheari behakoa bota nion eta xara mazelaren gain aldean sarrera bat zehaztu nuen. Borda kasik abandonatu haren saihetsean aparkatu nuen kotxea. Bizkar zakua eta argazki makina eraman nituen nirekin. Edariak. Janari zerbait, aferak gehiegi irauten baldin bazuen. Paperak aldiz gorde nituen eskumako kaxan. Ez nuen nire nortasuna sobera laster salatzeko gutiziarik, zer gerta ere. Nehork ez zuen jakin behar noren manuaz ari nintzen gorotza harrotzen, hori baitzen hondarrean maite nuen ekintzarik eraginkorrena eta ez nuen arranguratzekorik. Sabel-hatsa hartu nuen. Ote eta iratzeetan aurrera tematu nintzen, zangoak antzarak bezala altxatzen nituen. Keheila berdeak oztopatu ninduen, bat batean. Ez nuen giltzarrapoaren segurtasun kodea ezagutzen. Hiro urrin zakarrari ohitzen hasi nintzen eta ezbaika, begiz jarraitu nituen saiak, gau zohardian inguruka, zirurika, zeru azpian elkar desafiatzen. Zinez ederra zen! Alaxokotzia! Bai horixe… xehelaren peko azeri pasabidea baliatu nezakeen. Belauniko eta gorputzaren erdia lurrera aurtikitzean Buda lurrean bezain zoriontsu senditu nintzen. Nire izter lodikoteek iragaiteko traba egiten zidaten baina, eraginez, beste aldera biribilkatzea lortu nuen. Bospasei kilo galtzekoak nituen derrigor. Izpiritua hutsik, plastikazko oihal orlegiz estali zidor batetik lehiatu nintzen, ezker, eskuin begiratuz, kukuzkari. Agian norbait atzetik edo deskargaren hamalau izkinetan zeuden kamerak zelatari zebilzkidan. Maddiren animoez oroitu nintzen: -Ez hadila izutu. Sustut. Nik ere ardura ikusten dinat enpresaren kamioneta urdina astiro ibilki han gaindi nabilenean. Iragan egun batez txoriak ikertzera etorri adiskide ornitologo batekin sartu gintunan, eta noski, hor zitunan… bai… behari zeken. EZ NEKIEN zer xerkatzen nuen. Lehen aldia zen. Normalean ideia bat banuen bederen. Hazketako zikintegira zuzen nindoan Maddiren xehetasunak buruan eta gau erdi euritsu batez, telefonoaren ezpainetatik bihikatu ahots lakar misteriotsua belarrietan. Ez nintzen biziki fidatzen: -Orain aski luke izaera nazkagarri batek agertzea, dena mehatxu, eta xahu nintzateke. Nolwen maiteak ateka gaitzetik jalgi nazan amesteak ez duke balio. Andraidea beti legearen alde bermatzen zen. Desesperatzekoa zen. Tentsioa igo zen nigan eta marmaraz ari nintzen, zakarrak metatzen ziren lekura hurbildu arau. Lapar sasietatik moztu nuen. Ez neukan gehiago deuseren beldurrik. Jauzi arinaz, kamioientzat urratu eta legar grisez atondu bidean nengoen. Haize ufadak bulkatu plastikazko poltsa erori zitzaidan oinetara: hodia beltzak baziren, eremu karratuak, estalki lodi eta berde astunez gordeak, urrunago bulldozer, bultzari eta garraio-tresna indartsuak. Seinaleak ikusi nituen eta hirotze etengabearen urrin jasan gaitzaren ez hartzeko, eskua aurpegira ekarri nuen. Geriza moduan, kirurgilari maskara edo oihal puska bat ekartzea pentsa nezakeen. Hazketan nehor ez zegoen. Egunean zehar, hamar bat langile zenbatzen ziren, makinekin batzuk eta besteak bulegoetan, administrazio zereginez axolatzen. Kamioiek erremorka astunak hustu bezain laster, mundu txiki horrek mugimenduari ekiten zion, orduan eraikitzen ari ziren mazelaren konkorrera hupatzen zituztela zatarrak pala mekanikoekin. Olioa eta gizonen kopetetako izerdiaren lurrina senditzen zen. Makinen maldan nengoen. Poltsak, kartoiak, plastikoak, tubo borobilak eta lur hiro antzeko ekaiak: kontsumo gizarteak birziklatu ezin omen zituen hondarkin zamaren zabaleran galtzen zitzaizkidan begiak. Bitxia zen ikustea zabor mota anitz tratatu zitezkeen garaian, Peñako aska horretan, ahalkerik gabe, azken meneko hainbeste zikin kausitzea, jenderenak, abereenak edo industrialak, deblauki airean. Arduradun politikoak alferrak ote ziren? Egoera bere horretan atxikiz sos gehiago sakelara zezaketen agian? Roberto Saviano, italiar kazetariak, Gomorra liburu ospetsuan kontatzen zuen zikinen kudeaketa zenbatetaraino onuragarria zitzaion Camorra antolakuntzari. Europa guztiko zatarrik lanjerosenak onartzen zituen, txanpon eta subentzio trukean, hegoalde txiroan lurperatzeko. Alabaina mafia zekenak Alemaniatik, Herri Beheretatik edo Ingalaterratik burrustan biderkatu dirua poltsikoratzen zuen –eta duke… oraindik ere- bazterren, bizidunen, janarien eta naturaren kutsadura heinaz axolatu gabe: Kalabria eta Ziziliako lurrak erabat eta luzerako zitalduak dira. Hazketara berriz: mendi hegi berriak sortzen ari ziren gaurkoan, hantuz, lodituz, potolo bihurtuz, handituz, egunetik egunera. Langileek, gero, arradaturiko gelaxkak estalgi berdez tapatzen zituzten, uren eta gasen joana errazteko hodi luzeak hedatuz. Kamioiek hirietatik eta baserri aldeetatik garraiatu hondarrak aire gabetasunean suntsitzen zihoazen, zerra trinkoak osatuz. Usteltze mugimendua ekintza kimikoa zen, kasik naturala. Noiz behinka bakteriak barreiatzen zituzten botakien itxuraldaketa zalutzeko. Behereko parteko hiru kupeletan adibidez, lixibatuen garbiketaren abiadura sustatzeko. Ororen buruan, azken finean, zakartegia eramaten zutenek arraiki errepikatzen zutenez, Hazketa errekara ihesi zihoan ur zoharrarekin, Goenkaleko Boga-Bogakoa bezain ona zitekeen kafea prestatu zitekeen. Hitza hitz! Laino uherrak hertsatu zuen zabor pentoka, makurdura geografikoa, faltsua, begi-ebaslea, maltzurra. Hutsaren minetik jazarri zikin multzoa hargatik ez zen poetikoagoa edo onargarriagoa. Kea zutoinak hazten ziren non nahitik, Islandiako geiser urrien pare: estalkien pean bero zitekeen eta mamu mikroskopikoak loriatzen bide ziren. Ohikoan ehizatzen ziren mikrobioen lan iraunkorra estimatzen genuen, eraginkorrak zirelako zakartegiaren erresumetan. Frankie Agobe adiskideak behin bidali argazki batez gogoratu nintzen eta bat batean Akkra hiriaren bihotzean nengoen. Ghana betean. Mundu aberatseko –maite zuen bere burua horrela izendatzea…- ordenagailu, mugikor, tauleta eta gainerako tramankulu informatiko higatuen, hautsien eta ustez bezain alferkeriaz konpondu ezinen biltoki bihurtua zen Afrika sortaldeko hiriburua. Hamar kilometra luzeko Aglogbloshie Market eskualdeko haurrak ageri ziren kea eta laino pozoitu artean osagailu preziosoak biltzen, kobrea bereziki, goseak eta beldurrak setiaturik. Laster beren gorputza erreko zuen eritasunaren aurreneko zantzuak somatzen hasiko ziren beso-juntetan, hezur muinetan, kasko zokoetan, larruko poroetan, denetan hots, zabarra, zakarra, heriotza, beruna, merkurioa, kadmioa, seiko VI kromoa, adibidez, nazioarteko konbenioetan jada ekai debekatuak izan arren. Azantz elkorra hauteman nuen gibelean. Hedailo erori aitzin, iruditu zitzaidan, hirotzen zihoan zango fina zehaztu nezakeela, zikin karratuaren ertzean. Zapata beltz takoiduna ikusi nuen halaber. Trenpu-txartu nintzen, harrotzen ari zen ustel urrinak gogaiturik. Nolwen? Non hago? Oihu nirea, basamortuan. ESKUAK estekatu eta nire lasaitasun bortxatuaren segurtatzeko saihetsean bi tuñako hotz eman zizkidaten. Zelatatua nintzen, beraz, urrunetik. Zikintegiak ez ziren txantxetakoak: kamerak baziren, zaindariak ibilki, suen, ez-beharren eta bisitari klandestinoen izua, ez ordea zentrala nuklearretan bezain beste, baina kasik. Hondarkinak, edozein izanik, gai tabuak zeuden, lurpean gordetzekoak, Bure-ko zikin irratiaktiboak bezala bost ehun metrotan ehortziak, ingurune bukolikoetan urtuak, estalki berdeez ikus ezinduak, nehork ez zezan kezka zipitzik eduki, edertasun paradoxalezko paisaietatik isurtzen zen pozoiaren presentzia etengabearekiko. Sozietate aurreratuetan emigranteekin, eritasunarekin, homosexualekin, zahartzaroarekin, elbarrituekin eta heriotzarekin berdin obratzen zen eta bizidunekin halaber, zaborraren zaku berean sakatu zituzten denak: ez aipatu eta ezkutatu, ikus-ezintasunean gatibatu, zikintegien antzekoak ziren zaharretxe eta hilerri abandonatu. Jendeak makina moduan erabiltzen ziren, gaizkitzen zirenean pilulaz eta larderiaz konpontzen, ahantz leku ankerretara botatzen zituztela gero. Zaborrarekiko maitasun zirrizta bat jasan nuen. Poztuko nintzatekeen, hain kinka larrian izan ez banintz. Bi gizon gihartsuk preso eraman ninduten. Harrapatua nintzen. Harrapatu nintzela… Jantzi gorriarekiko andere ile beltza, dantzan zebilen plastikazko poltsa, bazkari hilezkor soberakin eta egurrezko kaxa apurtu artean. Irri zilarra zeukan ezpain ubelduetan. Gorputzaren kulunkaren uhinak gaindituz, arropa altxatu eta pubisa agertu zuen. Bere ile kizkurrezko hirukian zizare arrosak eta har zuriak begiesten nituen, jolasten eta algaraz. Bat batean, amets gaiztoa hautsi zen, gerritik, sorbaldatik, sabel eta lepo ondotik odola zeriola, ausarki, oparo, okaztagarri. Arrain begiekiko izakiak kalitza bildu zuen lurrean, lixibatuz arradatu eta niri eskaintzeko. Edan nuen, edan nuen baiki, txintik atera gabe, arraiki, fosforo osoz eta artsenikoz hornitu edari morea. Eztul idorra. Ametsetik ilki nintzen: -Baina, zertan habil, istorio honetan, hain kinka larrian? -Ama? Xu xira? Beti ene laguntzeko prest, gaizki aurkitzen naizen oroz? -Bahai… behingoz. Bizidunen erreinura itzuli hadi. Zikinkerian igeri tematzen bahaiz, hi ere arras zikin bihurtuko haiz. Eta jendea ez dun birziklatzen… -Ama? Ama? Mother do you think she’s good enough for me? Iruditeria desagertu zen eta behiala disolbaturiko anderearen isurkari kiratsaren gostua nuen aho sabaian. Erraiak sutan neuzkan. Astun senditzen nintzen. Etendua. Loeria kimikotik atera nintzenean, ama zenaren itxura neukan buruko pantailan finkatua eta aitzinean, egiazki, larderiatsu, Nolwen Kergelen andregaia, poliziaz jantzia: -Inutila halakoa! -Zer ari zara hemen? Non nago? Paradisuan ala infernuan? -Lurrean… zorigaitzez. Iraun beharko duzu oraino… Komisaldegira ekarri zaituztete, azkorrian. Baimenik gabe sartu zara, antza, oinarrizko bisitariei debekatu zikindegi batean. Hori, hori, turismo helburu ederra! Zer zenuen bilatzen? -Kartzelara eramango nauzue? Hala bada, ziur izan zaitez, irekirik utziko duzuen den-mendreneko leiho zirrikitutik ihes egiten saiatuko naizela! -Bai, zera! Babua, zu… Nolwenek ez zidan esperantzarik utzi. Baina aske nintzen. Etxerako bidea Chronoplus autobusez egin genuen. Nire zorte txarra sinets ezina zitzaidan eta belarritakorik gabe musika entzuten zebilen gazte saldo bati beha nengoen, hisian, dena zarata eta itsas zakur orroa elkor. Aurreko jargian tapalakatu agure panpoxa, haserretu zitzaien. Matoa altxatzen zien, mehatxukor. Ahora irri egin zioten eta Herriko Etxeko geltokian jaitsi ziren, besoak eihera zaharrak bailiran inguratuz, neskek ezpainak gorritzen zituztela, erdi-guneko karrika panpoxetan ibiltzen apailatzeko. Baiona, ez zen nola nahiko hiria gero! -Autoaren bila joan beharko genuke ez? -Hemen dugu jada, lasai, ez zaitezela arrangura… Esku-mutur minberak balakatu nituen. Zer gertatu zitzaidan zakartegi hartan? GURE ARTEAN jada kultua zen Goenkaleren azken sasoiko asteko atala irensten higatu nuen arratsaldea, sofa ilunean luzatua, Nolwen lanera itzulia zelarik anartean. Alizia, Esther eta Kandido pataskan zebiltzan eta haien haserre aldiak etengabea zirudien. Eder zitzaidan ordea Arraldeko biztanle mitikoen saltsa mingotsetan ihaloskatzea voyeur gisako talaiatik. Bazuen bospasei urte euskarazko telesailari interesatzen nintzaiola –eta ez bakarrik, antzezle lanetan distiratzen zuen Itziar Ituñorengatik: Estherrekin, Mireiaren ahizpa, Lukasen infidelitatearen erruz, gertatu Malen suizidioa pantailaratu zen unetik hain zuzen. Hauxe burtzoroa! Goenkale saioaren nondik norakoak, okerrak oro zehatz ulertzeko, Eskileoren tragedietan bezala, premiazkoa zen pertsonaia bakoitzaren arbola genealogikoa sakon ezagutzea. Arralden, zero-zabor. Komisaldegian eman zidaten multa gotorrari begira geratu nintzaion: berrehun euro, ez zen makala! Gainera, funts pribatuetan baimenik gabe sartzea leporatzen zidaten eta prozeduraren arabera auzitegira presentatu beharko nuen ondoko astean. Gerri aldeko uspelak ferekatu nituen eta nire hausnarra uhertzen zihoakidan: pozten nintzen, Baionan, Oragarren edo Hazparnen bizitzeaz, Maria Luisa Galardi egoskorraren atzamar zitaletatik urrun. Suge mihi zorrotza zuen, gaitzeko funtsa zeukan, laidozko hitzak asmatzeko ahalmen zoragarria eta urrezko medaila zor zitzaion euskara aberasteagatik. Bakea zer zen ez zekien. Hamalaugarren sasoiaren erdi-minean hil zen, supituki, Joxemari, Xabier eta Gaizka zendu eta berehala, saila umezurtz utziz, kontsola ezina, eta Arralden, haren ehortzetak ikusgarriak izan ziren. Antzeko korapiloa geneukan: biek maite genuen gorotz mindulina nahastea, afera zahar zizkolatsuak azaleratzea, familiakoak, politika zein ekonomia alorrekoak, sasikoak ala klandestinoak izan. Miresten nuen erabat. Loak eraman ninduen. Berria, mahai gainean. Bizkaiako Artigas zabortegiaren auzoko oihanera haizeak barreiatu plastikazko poltsa kolore aniztunak zekartzan argazki batek, zuhaixka, aldaxka, arbola amilduen abarretatik eta txaboletatik zintzilik. Kazetari gogaituak, itolarria eta amets gaiztoa aipatu zituen. Planta itxirik egon zen aste betez, zikinak kamioietan etorri bezala aurtiki ziren, tratatuak eta trituratuak izan gabe. Estalki eskasean, haizete handiak indartzean, puska askeak bolada azkarren menpe zeuden, barreiatuak denetan, itsas txorien atsegina bezain bertan bizi zirenen etsipena biderkatuz. Egoera larria zen eta banekien ez zuela aterabiderik. Industrialak ez ziren ingurumenaz axolatzen, gaurko arazoak eta ondoko belaunaldiak ezezagutzen zituen, oraintxe bertan falangaz kontsumitzeak eta ohiturazko izaerak sobera bortxatu gabe zaramak botatzeak zuelarik muntarik handiena. Guztiok erraztasuna eskatzen genuen, distira, merkea, are merkeagoa, Txinako umeen lanean oinarritzen eta zeruko keroseno hedoien itzaletik baldin ba zetorren ere, egina presta, eraginkortasuna, arintasuna, azukre eta gantza gehigarririk ez alaina. Ondorioak gordetzen ziren, aitzinetik eta biztanleez metodikoki hustu haran zoragarri eta urrunen mugetan. Ikusten ez duen begiak negarrik ez du. Pesarru eta Uhane arteko Akazietako bideko bihurguneetan galdu nintzen eta nire hausnarra hantuz zihoan: arroila barnakorretara husten zituzten autoak hirietan bizitzen ziren anonimoek, makina zaharkituak eta modaz kanpoko gauzak aurtikiz. Txikitan, ezkutuan, eta anaiarekin, udako arratsalde sutsuetan, hara zuzentzen ginen bizikleta kuadro eta gurpil zaharrak biltzera, txirrinduak gero ezerretik guretzat osatzeko. Aurkituriko piezak garbitzen genituen, konpontzen eta urdinez, gorriz zein horiz tintatzen… biltzen genituen halaber oraindik eraman zitezkeen arropak. Paris Match astekari ospetsuaren ale pasatuak etxera ekartzen genituen irakurtzeko eta ilargiaren konkistako argazkiak kolekzionatzeko. Akkrako umeen pare ginen orduan, telebistarik eta etorkizunik gabe. Gurasoek debekatzen ziguten, alaina, natura erdian, trunpiloak nola, ireki zikindegi salbaira zuzentzea. Supermerkatuak zer ziren ez genekien garaia zen. Mende erdia beranduago, zaborren kudeaketa jada salerospen lehiaren bihotzari uztartzen zitzaion arren, herritar zenbaitek aspaldiko usaiak atxikitzen zituzten: tresna ugariren artean, hozkailuak eta garbigailuak kausitzen ziren gure haurtzaroko bilketa eremu hartan, pestizida bidoi irekiak, ongailu kimikoen poltsa plastikoak, aurtikitzaileak zakartegi ofizialetara eramateko alferregiak zirelako. Auzoaren baratzak egokiena zirudien zikinak sakatzeko. Gure herrietan Maria Luisa Galardiren pareko emazte larderiatsu eta ausart gehiago ernatuko balitz, behar bada, mundua zuzenago martxatuko liteke. Nioen, marmaraz. Intziri eta estira: kantuz ari zait nire arima… Ez nintzen kokilduko. NOLWEN bere laneko gaueko txandatik etxeratu berrian gertatu zen guztia. Dutxaren hots eztia entzun nuen lehenik eta gero gorputz hotza nire saihetsean lerratzen nabaritu. Niko Etxartek abesten zuen eran nenbilen: erdi atzarrik, erdi lo erdi hil (bis)… musua ezpainetan pausatu zidan eta deus erran gabe ohean bizkarra eman zidan. Karrikatik leihoa zeharkatuz zetorren argi arraioari beha geldotu nintzen, zalantzakor. Kafea berotu nuen. Eskuak bildurik, mahaian plantatu nintzen. Giharrak garratz. Lepokoak klaskari. Ukitua nintzen minagatik. Ganbaran utzi mugikorrak jo zuen. Nolwenen kurrinkak aditu nituen. Telefonora punpa egin nuen, atea samurkiro hertsi, egongelako sofan tapalakatu aurretik. Linearen puntan, hats hartze elkorra: -Nor da? -Zure panpina dislokatu kuttuna… -Non zaude? -Zugandik ez sobera urrun. Apuña non daukadan badakizu. Eta Hazparne Kostako zabortegian oin-ondo bat begimendu duzu. Urrezko girgilez hornitua. Noizbait osatuko nauzu, erabat, egia bezala. -Nor zara? Zer nahi duzu? -Galdu naiz. Galdu naute. Hirotzearen bidean puskatu ninduten. Berrogeita zazpi urteko emaztea naiz. Ez didate barkatu. Ez diet barkatuko. -Ez dut ezer ulertzen. Garbiago izaten ahal zintezke? Algara salbai eta zozoak ito zituen urrutizkinaren entzungailuak. Segitzen nindutelako sentimendua neukan. Prentsaren orrialdeetara jazarri ez zen krima baten lekuko birtuala nintzen. Ez hain birtuala hargatik, ezen agerindea izanagatik, Hazparneko zikindegian, trenputxartu aitzin, zapata aztaldunekiko andere baten oina eduki nuelako begi pean. Solaskidearen ahots hatsankak antsia indartzen zidan: -Hitzordua finkatu dezagun. Elkartu gaitezen. Mauleko Gurutze Zuriaren maldan. Arratsaldea libre duzula badakit. -Jakin ederrean zara. Leku hurbilagorik ez duzu? -Baionan demagun? -Adibidez. Edo Hazparnen. -Maulen erran dut, eta han date. Garai batean gustukoa baldin banuen, denborarekin, gidatzea jasan gaitza bilakatu zitzaidan. Autobusak, trenak, kotxe partzuergoak eta zango zolak higatzea hobesten nituen, katalan erako decreixent egina nintzelako. Dirua debaldetan xahutzen zen autoarekin eta gainera airea zein birikak mikro partikula zitalez zipriztintzeko geneukan jaidura noizbait ordainduko genuen. Beharrean, Nolwenen beribila erabili nezakeen. Errazegia zela errepikatzen zidan. Arrazoi zuen: ez nuen inongo justifikazio etikorik horrela jarraitzeko, alaina, non ez zen nire alde zeken eta bekaitza. Burutazio antzuen haria eten nuen eta aditu logelatik Nolwenen boza arranguratua: -Norekin ari ziren? Isiltasuna. Goizeko bostak ziren: hitz ordua neukan nire garbitzaile kamaradekin, Aturri hegiko zabortegi nagusiaren atarian. Lanari ekin aurretik, kafea edaten genuen elkarrekin, kirol berriak komentatuz, bereziki Aviron Bayonnais eta Biarritz Olympique taldeen fusio gorabeheratsuari zegozkienak, politika mailakoak arraposki aztertuz, hondar egunetako Charlie Hebdo eta Hyper Casher-en aurkako sarraskiak partikularki. Karimek kamioi-iraulkia pizten zuen, Dédé eta biok, atzeko plataformetara hupatzera ernatzen ginen bitartean, bere tarrapatan ahanzten ahal gintuelako. Karrikaz karrika paseatzen gintuen, etorbideak, kale-itxiak eta plazak zeharkatuz, gurutzamenduetan abandonatu poltsa ilunak eta espaloietan metatu zikinak arrapaladan bilduz. Ordures ménagères. JAKINA. Nolwenek bere 4L zaharra prestatu zidan. Jeloskorra zen, jabekorra, antsiatsua, baina bihotz handikoa. Ofizioagatik agian, maite zuen norekin eta nola nenbilen hatzetik nire segitzea. Etxeratzen nintzenean, lanetik ala ikerketa zeregin egun batetik, komisaldegian bagina bezala, galdekatzen ninduen, foko maingu baten argi zurbila begitartera zuzenduz. Zenbaitetan, ekintza horiek haserretzen ninduten, baina orokorki, elkar maite genuen, guztiak ezabatzen nuen, nirekiko hartuz. Bere autoa uztea zidan eta hori zen maite ninduelako frogarik zoharrena. Sei oren iraun zuen nire lan-aldiak, zeinetan gaueko deiaren soinu-bandaz gogoratzen nintzen noiztenka. Fazinatzen ninduen, tripak harrotzen zizkidan, haluzinatzeraino. Ez nekien errealitatea zen ala agerpen dantesko baten ondorio gorpuztua. Ardura, inkestak eramatean, egiaren, hutsaren edo errealaren mugak zaldizkatzen nituen. Eguneroko bizitzan berdin. Erantzunak aurkitzen nituen, bekanak, barreiatuak, ehun mila galdera are ilunagoen artean. Harrigarria, ezta? Kamioi-iraulkiaren gibelean, Dédék eta biok, pala, erratza eta ur-zirriztagailua eskuetan, axola zitzaizkigun gaiez komentario doi bat ironikoak trukatzen genituen: -Badakizue zein den gauzarik zailena Baionan? Zaila da asmatzea ez? Lagun batek kontatu zidan errazagoa zela etxea erostea, bankutik mailegua lortzea eta hilabete-saria pagatzea, ezen ez eta ordainduzko aparkalekuz aldatzea… -Mihi gaiztoa zu! Ez izan zipotza! -Pentsa! Adiskidea notarioaren paper guztiekin joan zen udaletxeko langilearen eskariz. Squatter delakoen izua… itsuskeria! Harritu zen baina aparkaleku txartelak banatzen zituen arduradun mozkotak, serioski erran zion, Baionan aparkatzea merezitzen zen gauza bat zela! Irriz urratu ginen, Dédéren istorioa sinets ezina zelako. Esajeratzen zuen zinez. Kamioia gidatzen zuen Karim, soa beltz eta isilik zegoen maizenean. Mihia askatu zuen Xina tabernan, kafearen orduan: -Arazo bat badugu… -Larria? -Bai. Izugarria. -Mintza zaitez gizon, arren, ez gaitzazula leize hegian utzi! Dédéren berantetsia nabaritu nuen. Karim mutiko lasaia zen, alegera, bozkariotsua, problema berezirik gabekoa. Azkorri hartan, soa ortze-muga beltzean urtzen zitzaion: -Pariseko 9-3 departamenduan dugun anaiaren seme-alaba nerabeak desagertu dira. Zortzi egunen buruan Facebooken bidez jakin zuten haurrak Sirian zeudela Salafista kutsuko Estatu Islamistaren armadetan soldadu. Orain, Frantzia hegoaldeko sendi anitzen gisa, baten ala bestearen hil berriaren zain daude. -Nola gertatu daiteke hori? -Amaia, otoi, ez nazazula moztu noiz nahi, bukatu behar dut. Jada ezaguna zen kontakizuna harilkatu zuen Karimek: gazteak bat batean mezkitara joaten hasi zitzaizkien, Benzemaren modako bizar horaila luzatzen zitzaiola kokots pean mutikoari eta alabak kopeta belatzen zuela. Asteburuak djelabaz jantzirik pasatzen zituzten. Ohiko adiskideetatik bereizi ziren eta duela bi urte, oporrak leku sekretu batean iragan zituzten. Semeak beranduago salatu zuen Yemen eskualdean izan zirela, armak erabiltzen, Korana sakontzen eta neskak gizonaren zerbitzuko egoten ikasten. Balditu nintzen. Alta, ez nukeen behar. Ezagutzen nuen istorioa. Mende erdi batez, Euskal Herriko familia anitzek, beraien haurrak ETA edo IK erakunde klandestinoen lerroetara lerratzen ikusi zituzten dolorez, hastapen batean jainkoari galdatuz zertan huts egin zuten horrelako gaztigua merezitzeko, ondoko urratsean destino itsua onartu eta etxekoak borroka totalitario horretan sustengatu aitzin. (Baina, edozein kasutan, hobe zen hori, ezkondu gabe esperantzetan izatea edo norberaren homosexualitateaz ohartzea baino… gaindi ezina!) 1985ko Baionako Besten karietara, San Izpiritu zubiaren puntan, desagertu zen Jana Elgebeltz neskatxaren itzalaren atzetik ibili nintzen ikertzen. Bizitza salbatu zuen, oinarrizko militante baten beldurrari eta kobardiari esker, ez baitzuen erakundearen bulego politikoak erabaki kondena bete ahal izan. Karimen begiak bustiak ziren. Dédé eta biok lankideari soberan genuen goizeko kemen uhinak oparitzen saiatzen ginen. Barre ahula marraztu zuen. Kamioiaren giderrean bermatuz kabinara hupatu zen. Ezbaian, ez nuen txintik ere atera. Biltzen genituen zakarren urrin zitalak, ezintasunaren harpearen zokotik zetorrela zirudien ahotsa oroitu arazten zidan. Ezintasuna. Poltsetatik ihes zihoazen haragi puska hiroak odoltsuak zirela itxuratzen nuen. Irudia osatzeko, botakinei urrezko erraztuna baizik ez zitzaien falta. Maubec karrika zolan, eraisten eta berreraikitzen ari ziren egoitzaren maldako squatt zikinaren aurrean gelditu genuen kamioia: ohantze herdoilduak, estalki zulatuak, matalaz eta buruko zirtzikatuak, bazina eta bokal hautsiak, egur apurtuko jargiak, zementua eta makadam plakak metatzen ziren haize basatiek lehertu tolazko gerizen atzealdean. Nola bizi ziren jendeak hor, pobreak eta atzerritar etorkinak, zabortegietakoak baino ez ziren baldintza horietan? Jendea zarama ibiltaria ote zen, nagusiek eta boteretsuek hartzen, baliatzen, balioztatzen, manipulatzen, muineraino zapaltzen eta aurtikitzen zutena justifikaziorik eman beharrik gabe? Bizitza: gorotza? Politikariak, denak ustelak? Gure harremanak? Zakarretarako on? Esperantzarik bada? Le Monde Diplomatique hilabetekariko Fréderic Lordon baten blogaren bukaera saihets ezina jauki zitzaidan: historiak irakaspen baliosa ematen digu: zikin ontziak dituela. Historiaren zikin ontziak badira. Eta ongi da. Garai hutseginak, belaunaldi kalamitatsuak, goi-mailako elite eskasak, ahanztekoak diren poxelukoak hots. Orduan, elkarrekin, hara zer den egin beharko genukeen: uzkinak bildu, iraulkia arradaz bete eta zabortegirako bidea hartu. SMS bat. Zbt badut ztz, Mdd. BEREHALA deitu nion Maddiri, lanetik etxerako bidean. Lo astunetik ateratzear zirudien ahotsaz erantzun zidan: -Hara! Gure lapikoa! -Mintza hakit bestela! Labur eta on egin dezagun: zer berri dun? -Ba zekinat, emazte baten beso eta zango arrasto ustelduak atzeman ditun.. erraztunez hornitu pezak ditizten. -Eta? Hire pentsua argitzerik bai? -Galdatu iezaion dunan neska-lagun tuntunari, misterio lodi honen sasia aisa urratuko din hark. Poliziategian menturaz cold case kasu anitz ba diten. -Nolwenetaz ari haiz hor? -Bai.. ez dinat sekula onartu hire neskakoi amorratu izaera, ez lizeoan genbiltzanean, are gutxiago gaur, zentzatuagoak garenean. -Zertara datorren gaiztakeria hori? -Egiak baizik ez din minik egiten ezta? Eten nuen. San Izpiritu zubiaren alde bietako espaloiak partikula fin toxikoak arraiki hatsartzen zituzten oinezkoz emokatuak ziren. Tartean nengoen. Gutxienekoa, negar hegian nintzelako Maddiren erranengatik. Zutik iraun eta Hazketan trenputxartu aitzin ikusi nuena eta telefonoan hauteman ahots makala, biak, arras iruditeriak ez zirela segur nintzen: loturarik ez zuten eromen hastapen zantzuekin. Sosegatu nintzen. Zabor urrina larruari lotzen zitzaion. Dutxa pean geratu nintzen, luzaz. Jantzi eta agendari so bat bota nion. Bi egun banituen libre lanetik, eta hurrengo txanda arrats apalekoa nuen. Nolwenek, mahai kantoian utzi kotxeko giltzak ahurrean gatibatu nituen eta Infra, Max Richteren grabaketa, Maule eta Baiona artean entzuteko. Euskal Herri barnealdea zeharkatzeko xedeari zegokion soinu-banda handiosa zen, alaina… Bidean, Bidaxunetik hara, aborigena itsusia eta gaizki ikasia nintzen, denetatik haizatu paperrik gabeko arrotza Donapaleuko ateetan eta mutazio ezberdinek malgutu arrain begiekiko aliena Sarrikota Petik aurrera Zuberoan sartzean. Euskaradun ahots bakoa ere. Hizkuntza zaharra naraman ezpainetan, askorentzat ulertezina eta horrek mututasunera kondenatzen ninduen. Hargatik, euskalduna izateko, euskara jakitea ez zen nahikoa -debaldekoa suerta zitekeen, egoeraren arabera…- departamenduaren, presoen, borrokaren, bake prozesuaren eta laborantza ganbararen alde derrigor bermatzea eskatzen baitzen: another brick in the wall… gustatzen zitzaidan eta agian bizirik mantentzen laguntzen ninduen marmara etengabea, hausnarra, kitzika mentala, ez beti baikorra antza. Bihotz ikara eragiten zidaten mendi umil eta ibar hertsien artetik sugetzen ziren errepideek, laino urdinek, saiek, huntzek, kahakek eta pika bele sotilek, belar usainak eta ardi marraka lizunak ahantzi gabe. Ezpeizeko lautadatik Bosmendieta tontor borobilak zehaztu nituen lainoen artetik. Samurtasun zirrizta batek gatibatu nituen eta Richteren melodia elektronikoen ordez, Johañe Barkosen ahuntz ahots sakonaren oroitzapenak hantu nintzen. Nire buruan, Faltxarekin batera bertso traketsak kordelatzen zituen, eskuz bildu zigarretak ezpain izkinatik dilindaz eta garagardo basoak tabernako barran banbatuz. Mauleko plaza trabesatu nuen begiak gazteluan plantatuz: pasatu zen denbora, pasatu ziren urteak. Etxera nentorren baina ez nintzen etxekoa. Hargatik, Europa Kafetegiaren eguteran solas aspertuetan higatu ordu galduak bihotzean naramatzan eta bizitzako garrantzitsuenak, oinarritsuenak eta hunkigarrienak ziren. Ahantzi ezinak. Gurutze Zuriaren itzalean, Herriko Etxeari bizkarrez, emazte konkortua igarri nuen orduan. Matoa altxatzen zuen beribilek arrasatzen zuten aldi oroz. Mendekatzeko bezala, bankuaren atarian zamatu zikin-poltsak jo zituen makilaz. Bortitza eta burubero zirudien. Hurbiltzera ausartzen zitzaizkionei, tu eta irainka ari zitzaien: -Amaia Ezpeldoi naiz. Zurekin dut hitzordua. -Baliteke. -Zer nahi duzu? -Bide onean jarriko zaitut. Ez dakizu zenbatetaraino. -Mauletarra zara? -Ez. Angelukoa naiz. Zuberoan bizi naiz, kostaldean errotzeko ez baitut nahikoa dirurik. Gastuak ditut eta diru-sarrera urriak. Artista naiz, nire moduan, sortzen ditudan ikusgarriek arrakasta duten arren, ez dute leheneko sos olderik ekartzen, eta konkurrentzia… ohila! Kioskoaren aldamenera bulkatu ninduen. Hortzik gabeko aho kiratsa erakusten zidan eta hats ustela botatzen, egoera sozialaz pleinitzen zebilela. Denek bat egiten zuten, CAC 40eko nagusiak bezain RMI delakoa sakeleratzen zuen izkinako amilduak, zergatik ez berak? Belarri ona neukalakoaz ohartu bide zen. Puskak saku urdin batean eramaten zituen: arropa eta trapuz hantu zaku urdinak, orratza France Culturen malgortua zuen irratia, egunkari purtzilikatuak eta plastikoz gerizatu epez kanpoko Yorkeko urdaiazpikoak, errekuperatutako gauzak. Zaborrak miazkatzea gustatzen zitzaiokeen. Japoniako Sagarrondoaren ipuinarekiko liburuxka tinkatzen zuen papoan tinko-tinko, altxorra bailitzan. Markesturiko orrialde horituen erdian luma arinez Txinako tintaz marraztu irudiak ageri ziren. Beharbada berak zituen eginak? Esku zimurtuak nire belaunetan abandonatu zituen. Matela malgua ferekatu zuen motor olioz beltzatu behatz puntaz: -Mundua zaborra da. Guhaur zaborrak gara. Zaborren atzamarretatik salbatzerik ez dugu… Sakon begiratzen nion arau, ziur nintzen, ez zela erraten zuena. Anestesiatua nintzen. AZKEN hilabeteetan, erabat eta errotik, bere ingurutik urtu bezala zen emazte batez hitz egiten zidan. Berrogei urte zituen, gutxi gora behera, izaki uherra zen, Dominique izenetik haste, nehork ez zekiela, begien bistan eduki arren, gizonezkoa ala emakumezkoa zen. Androginoa zen antzaz, meharra, gerririk gabekoa, zardaia, ile ilun laburrak zituen eta ezpainak zabaltzen zituen ber, soprano abeslari boz harrigarria ilkitzen zitzaion. Zetazko jantziek papar kasik leuna azpimarratzen zioten. Bularrik baldin bazuen, ederki gordetzen zituen, atorra hertsi eta koloretsuen azpian. -Hezur eta larrua baino ez zela iruditzen zitzaidan askotan. Eta hatsa hartzeko hodia soilik. Beldur egiten zidan eta batzuetan ez nuen ikusten ere jendeen artean galtzen zelarik, anonimo. Gaitzitzen zen, koskatzen eta bere hirak mugarik ez zuen. Gaueko lanetan ari zen. Gauza jakina zen. Auzoen ohar likitsak jasan behar zituen. Pairamena biderkatzen zitzaionean, telebistaren aitzinean entzerratzen zen, aparkamenduan, Youtube katean X Files telesaileko atal ezberdinak ikusi eta berrikusteko. Dana Scully eta Fox Mulderen arteko dialogo osoak gogoz errepika zitzakeen… Irri diskretua askatu nuen: ni ere errealitatearen ertzetan ihesian zebilen bikote oroigarriaren fan absolutua nintzen. Nire erreferentziak? X Files eta Goenkale. Zintzur Sakona eta Maria Luisa Galardi ederki konponduko ziren lurra, galaxia eta zizare zuloetatik isuriko litezkeen saihets unibertsoak tentsio eta estresa ikaragarrian mantentzeko. Debaldeko pentsua ezabatu nuen: -Desagertu zela uste duzu? -Fama txarreko gizonekin ibiltzen zen. Ofizioa zuen. Afizioa ere nolabait, lanjerra maite zuelako. Harro zen horregatik. Sosak guztia zilegitzen bailuan. Distira eta iluna. Urrea eta zaborra. Mari bargasta deitzen ziotenenean, kopeta altxatzen zuen, harro. Ez dakit non gordetzen den! -Eta zikintegietako beso mutur eta zango punta hiroez baduzu xehetasunik? Poliziek Hazketan aurkitu zuten zapata takoidun bat. ADN proba baterako lagina bidali dugu Bordeleko laborategira. Nire andregaia da afera horretaz axolatzen. Begiak zulo begiratu ninduen. Ulertu zuen? Ez zuen ulertu? Erreakziorik ez. Azazkalak garbitu zituen lurrean bildu xotx batekin. Arrastiriko haize burlariak errauts uhintxoak altxatzen zituen Plazan. Mutil-neska bipilak pilotan ari ziren berrikitan arrosez tintatu hormaren erraiak dardararaziz. -Ez natzaizu aurkeztu: Matilde naiz. Eta aipatzen dizudan androginoa Lisa zen, badakizu Dostoievskiren Lurpeko oharrak nobelako prostituta zohar eta duina bezala, baina denek Agata erraten genion. Agata harriaren nixta zeukan. -Fiodor zalea zara zu ere orduan? Eta uste duzu norbait gaiztoren hatzetara erori zela? Psikopata bat adibidez? -Baliteke. Baina istripu soila ere izan daiteke. Edo nahitarako ohiko desagerketa bat. Adinean zegoen. Bizimoduz aldatzea amesten zuen hondar hilabeteotan eta naski Indiara bidaiatzeko xedea zeukan… -Indiara? -Zergatik ez Indiara? Arrazoia zuen. Indiara joan zitekeen edo Islandiara, hala desio baldin bazuen. Bat batean, Matildek zinominoka itsusia marraztu zuen, murrikari: -Irakurri dut barda, egunkarian Star Trek telesaileko Spock jauna zendu zela… ukitzen nau berriak. Galtzen nabil ordea, ez zara hain urrunetik etorri horrelako gauzen entzuteko ezta? -Denbora neurtua dut. -Soixu! Zikin-biltzaileen kamioiak! Jakingo bazenu zenbat zakar eramaten duten haran sekretuen arteketako tegietara! Harrituko zinateke… urrea dago zaborretan! Sinetsi nazazu… -Agata… Lisa… dena delakoa… horretan? Misterioaren gakoa. Mozolo aurpegia jarri nuen, Spocken antzekoa, mutur uzkur eta belarri larri. Errazegia zen. Zirudien behintzat. Matilde, beraz, Sarrikota Peko zabortegiaz ari zitzaidan. Segurtatu nahi nuen: -Mendixkan? -Ezustez ezuste… Bisitaz joan beharko zenuke. Jendeak ez du ezeren lotsarik. Zakarrek estaltzen dituzte bizidunek bazter utzi zorrak. Itzuliño bat egiozu… ez zaizu dolutuko. Hala ere, Zuberoan bazen, Sarrikota Peko zikintegi gatazkatsuaz beste edertasunik miresteko. Turismo bulegoko gida-liburuetan Mauleko Gaztelua presentatzen zen, Ospitale Peko eta Santa Graziko elizak edo zenbaitek, zorigaitzez, suizidatzeko erabiltzen zuten Holtzarteko zubi kulunkaria! Trinbili-tranbala, ezker eskuin balantzatuz, saihetsetik aldendu zitzaidan Matilde, agurrik gabe. Emazte mozkotea zen, arraileria ilun eta ironia handikoa. Ez nekien nola ekin harekin, are gutxiago haren erranak egiatzat jotzekoak nituenez. Behar bada, gezurra buhatu zidan mitomano hutsa zen edo guzti-guztia egia zuen eta orduan nerauk ere beldurtzekoa banuen. Haserrea nabaritu orduko ordea, irri gogoa pizten zitzaidan. Eta alderantziz. Mauleko arrabotearen gibelean urtu zen itzal herbala. Bakarrik nintzen berriz, nire lurrean inon baino arrotzagoa sentiarazi ninduen munduaren zatian. Ordutik, gainera, etxerik eta funtsik ez nuela errepikatzen nuen, ahoak eman ahala. Amerikar moduan. Nolwen gontzetatik erauzteen zen hortik lerratzen hautematen ninduenan, bere iritziz, euskaldunak izanik, sustraiak derrigor leku segurrean eta barna landatuak behar nituelako, eskualde kasik perfektu honetan. Oinarrizko euskaldunari ukatuko ote zitzaion, Bizkaiako Golkoan, haizezko zapata-zolekin, joan etorrian, arrotz eta galdua ibiltzeko eskubidea? Waste of Time… MAULEKO GAZTELUKO maldako jargian pausatu nuen nire ipurdi mardula. Urratsean eta hatsa trenka hurran igo nintzen. Izerdia, kopetan perla zihoakidan eta neguko argitasunak kobre kolorez tintatzen zuen Nolweni telefonatu nion, larrialdian. ADN frogen emaitzak ez zituen oraino eskuratu eta hitz eman zidan Agataren kasuaren inguruan ikertzen jarraituko zuela, nik urrutizkina dilindatu bezain laster. -Pertsona desagertuen fitxeroak aztertuko ditut. Agata izenarekin hasiko naiz eta gero Lisarena ere baliatuko dut. Jakinen atxikiko zaitut… kontuz, bazter horietan, zaindu zaitez. -Bihar arte, maitea. Maitea eleak, zintzurretik pasatzean, gorputz osoan ikara eztia eragin zidan. Benetako galerna garatzen zihoan nire baitan, batera, bulkatzen eta ezabatzen ninduela: desertu ametsez lehertu nintzen, egarriz eta gosez. Yom-en klarinetea ozen zebilen Sinaiko bortuan, eta Maulen baizik ez nengoen, Exodoaren isiltasunaz gozatzen denborak are pikorrak balakatzen zituela. Hiria oinetan neukan, pilota plaza, kioskoa, Etxandiren zapata lantegi hustuak, posta eta udaletxearen arbelezko hegatsak… Garindaine ezker. Sohüta eta Bildoze eskuin. Jokoaren jabe senditzen nintzen, hiri fantomatikoaren bakartasunean, ahots goraz maitea elea murduskatuz. Gazteluko bortaren ondoan itzal iheslari bat somatu nuen. iruditzen zitzaidan norbait banuela segika, Matilde utziz geroztik. Ez nion beldurrari zirrikiturik zilegitu. Inguratu nintzen. Ezer ez. -Gogoan dut alabaina nola borrokatu ziren Sarrikota Peko jendeak han eraikitzekoa zen zabortegi erraldoiaren proiektua plazaratu zenean Bil Ta Garbiren zuzendaritza pean. Larraskako Plazako lurperatze guneko lanen hastea, eta beranduago aitzinatzea, trabatu zuten, urte anitzetan, kasik kanpoko laguntzarik gabe, akitzen eta etsitzen joan ziren artean. Berrogeita hamabi hektareako eremua jadanik hondar hondarren mende zetzan orain: urte oroz, kostaldetik, hogei mila tonelada sukaldeko zikin ekartzen zituzten, banatzen, bereizten eta betirako… hirotze-gelaxketan metatzen. Bacheforesko erraustegia 2005ean hertsi zenean, zakarren erdia baino gehiago departamendutik kanpora bidaltzen zen Girondako Lapouyade herrira, birziklatua eta ahantzia izateko. Baiona-Iparreko plantak ez zituen neurri ekologikoak errespetatzen eta lixibatuak zuzenki Aturrira isurtzen ziren, auzoen gostuz, makur anitz eraginez. 1995an zerga ordaintzaileen sos parrasta gastatu zen errauste lantegia eraikitzen, debaldetan, hamar urte pasa eta argiki frogatuko zenez. Behialako garrak hauts bihurtu ziren. Karia horretara, Bil Ta garbiko bilkura batean, Hazketaren etorkizunaz ari zirela, Oragarreko auzapezak berriz aipatu zuen errausketarena, iraganeko gauza abandonatua zela oraindik ulertu ez bailuan, eta Hazparneko deskargaren epea luzatzearen alde bozkatu zukeen, alaina, Hazketari uko egiten baldin bazitzaion, zikindegiak, nonbait behar eta, Oragarren kokatzea arriskua zuelako. -Ez duzue uste lurperatzeaz beste modurik ez dela? Errausketa adibidez… keak menperatzen dira dagoeneko ezta? Memoria eta elkartasun eskasaren urrezko zikin ontziaren txapela eman zitzaion… erantsi dezadala halaber, deskalabruaren margoaren osatzeko, gay eta lesbianarik ez dela gure herrian ezkonduko jakinarazi zuela prentsa bidez Euskal Herriko beste hamaika auzapezekin batera! Nolwen eta biok, ondorioz, zakarren erdian eta bekatuan bizitzera kondenatuak ginen… Zaborren kudeakuntzaren errentagarritasunaren logikan dirurik ematen ez zuen guztia imilitzaren parekoa zen: jendeak, pentsamenduak, saihets ibilerak, garapen ezaren premia aldarrikatzen zutenak, ingurunea bera, Mauleko Gaztelu gainetik zehaztu Ühaitzaren ibarreko oihanak, haltzadi eta lizardiak, urmael eta aintzirak, lokatzak eta txakostegi laztanak, satorrak, arratoi-mozko zorrotzak, igarabak, ibaietako hamarratzak eta xarbo kliskatsuak. Sarrikota Pean, noskiren noskiaz, botere publikoek eraman ikerketa lasterrak, zientifikoki frogatu zuen zikindegi handi batek ez zuela nehondik neholaz naturaren oreka fundituko. Proiektuak kezkatu zituen bakarrak, Sarrikota Peko biztanleak ziren, eta herriko sarrerak, salaketa-pankartaz emokatu ondoren, udaletxeko bilkura nahasi batean, Pirusen erako garaipena, boto soilaren arteaz, baiezkoa atera zen, zikindegiaren alde. Oldartzearen pilota punpa sinets ezinak errendatzear zetzan kantxa abandonatua ikararazi zuen, Mendixka zikinen tratatze zentroa egiaztatu zenean. Aurkariek administrazio auzitegian kereilak aurkezten jarraitu zuten, lanak, geldiarazten ahal ez baziren, atzeratzeko bederen. Azken hilabeteotan, telebistako erreportajeetan Bil Ta Garbiko ordezkariak azaltzen ziren Mendixka bisitatzen, palto horiak eta segurtasun kaskoak soinean. Zoriontsu, prefosta. Gunearen sareko orrialdearen sarrerako perpausa, buru zokoan baltsan zebilzkidan: -Mendixka, funtsezkoa, fidatzekoa, iraunkorra eta integratua… ekologikoa, irekia eta ebolutiboa… hemen zaborren etorkizuna ziurtatzen da, urrinik eta bazter kalterik gabe. Errazagoa zen, jenderenaz baino, zikinen geroaz axolatzea! ITZALA aitzintoka zebilen Mauleko gazteluko harresi grisetan. Ilunak hiria troxatzen zuen amultsuki. Sarrikota Peko hiritarren destinoaren tragediaren zamak hausnarra urratu zidan: -Zabortegi proiektuak gehienetan mugetan finkatzen dira, frontera mutuetan, sustengurik lortuko ez dutela denek argi daukaten zedarrietan. Bagenekien. Aldi oroz egiaztatzen da. Sarrikota pean eta Oragarren ere bai. Izua isuri zitzaidan zainetan. Negar guraz urtu nintzen. Mantaleta eta kapela beltzez jantzi inguma karrankaria, klaskaz nekusan begien bistan, larderiatsu: -Zatoz! Ez banauzu obeditzen Agataren pairamena dastatuko duzu! -Zer da hori? Bilatzen dudan hiltzailea zara? -Ez, aparantziarik ere ez… -Zer nahi duzu orduan? -Zure hitza, zure hitza, zure hitza… Armaren, edo zena zelakoaren sudur hotzak, bizkar hezurrean ziztatzen zidan. Isiltasun dorpeak beruntzen zuen Europa kafetegiaren parean utzia nuen autorako jaitsiera. Maddi Oihenarten basahaide bat neukan kitzikari eta neurona jazarrien harrotzaile. Abeslariaren ahots biribilketa bakoitzean, nabaritzen nuen nigan, kuraia gehiago, kemen gehiago. Pettarra deitzen zen Zuberoaren zatia zeharkatu genuen. Bide nagusiak herriak erdizkatzen zituen, hutsaren hurrengoak bailiran. Ipularretako argizaiolak berak dudaz zebiltzan, zalantzaz. Ez nintzen sobera fidatzen gibeleko jargian tolesturiko izaki misteriotsuaz. Matilde? Sarrikota Peko plaza eta koloreak aspaldian galduak zituen eliza zeinu-hirukoitza mutu zeuden. Nehor ez zen bizi herri horretan. Desertu zipotza zen. Ezezagun maskaratuaren manu zakarrei jarraituz, eskuinera egin nuen, eraman pisuko idi astuna banintz bezala. Zolaren zolako larreak karroinaz zuritzen zituen lainoen artetik zulatzen saiatzen zen ilargi laurdenak. Mendixkaren sarrera erakutsi zidan nortasun malguak. -Motorra hil ezazu. Mantaletaren sakelan gordetzen dudan giltzarekin sartuko gara. Eta zuk… Hitzik ez, behingoz. -Baina? -Ixo! Piupiuka ari zara beti, pika bele lotsagabe baten antzera. Hitzak hitzen ondotik mustupilkatzen zaizkizu… Eta zertarako? Ez dakizu ezer. Uste duzu azkarra zarela. Zure urratsak oro debalde dira. -Nondik dituzu zozokeria horiek? Noren alde zara? -So egin eta ulertzen saiatu zaitez. Oraindik ahal baduzu bederen. Begiak apaldu nituen. Paper plastiko beltzez estaliriko aska batean poltsak, kartoiak, egur eta oihal puskak lasaiki hedatuak ageri ziren, makina erraldoiek zapaldu, zirtzikatu eta lurrez tapatuak izatearen aiduru. Zikinen artean gorputz enbor urrintsua ikusi nuen, eta besoa, eta zangoa, eta lepo muturra. Bular aldean sarraski itsusia zeukan, odol ubel eta idorra ttanttaka zeriola. Labankada izugarriaren bortitza iragarri nuen. Itzal erasiakorrak belaunikarazi ninduen. Lokatzean eta haragi zati barreiatuetan buruz behera zangalatrabatu nintzen. Goiti egin nuen. Kedarra zintzurrean gora zetorkidan, eztul idor eta behazun tsunamiak lagun. -Agata da? -Zer uste duzu zuk? -Ez dakit. Dagoen egoeran gorputzari ez zaio izenik ematen ahal… -Irudimena inarrosi ezazu, redios! Malkoz busti zitzaizkidan ikuskizun izugarriak itsutu ninikak. Denetan min nuen. Ostikoz apaindu ninduen. Zer pentsatu nezakeen muturra, zitzi usteletan ihaloska eta sudurra hiroaren kiratsez tapaturik? Aurpegia garbitu nuen, larriki. Zainak apurtu zorian, zutik, haserre eta ezindua, maskara erori zitzaion Matilderen parean nengoen, oilar: -Agata da. -Nola dakizu? -Ongi begizta ezazu lekua… -Hantxetan, poltsa xehatu haren aldamenean, dantzarako erabiltzen zukeen zapata dakusat. Eta hor, zeta urdin arinezko bularretako bat… -Azkenean garundegia belhitzen zaizu! Aste bete honat etortzen naizela hilotz erlikia hauen beilari. Egiazki, arranguraz iltzatua nabil. Ziur nago… enborra nire adiskidearena dela: bular pare galanta zeukan, oihal trinkoen azpian gordetzen zituen arren, gizonezkoek androgino era gustatzen zitzaielako. Ez nintzen itzal itzela bezain segur hargatik: gizon bortitz batek laidoz eta kolpez zurratu edozein emazte izan zitekeen, garbigailua, hozkailua eta mikro-uhindun labe matxuratuarekin batera zikintegira aurtikia! Beribil zarata elkorrak urruntzen entzun genituen. Mendixkako zaindariak zitezkeen. Zabortegien kudeatzaileek ez zituzten arras begiko sasietatik zelatari zegozkienak, zikin botatzaile salbaiak edo zaharkeria bilatzaileak izan ala gure neurriko kaka nahasle nazkagarriak. Matilderen aterkira hustu nuen urdaila. Urratsa atzera egin zuen, madarikatu eta, besoak balantzan, bertan abandonatu ninduen. Agudoaren agudoaz, autora ernatzeaz beste erremediorik ez neukan guardakoen atzamarretara erori nahi ez baldin banuen… ODOL TTAKA IDOR gostua neukan aho sabaian oraino goizeko seietan, zerbitzua hartu nuenean. Kamaradak fleiterik hoberenean zeuden. Hitz joko dudatsuen ildotik burlatzen zihoazen, ausarki: -Gaua luzea ala laburra izan duzu Amaia? -Zergatik diozue hori? Ez bata, ez bestea. -Zerbait gordetzen diguzu? Maitale bat agian? -Ez dut sekreturik zuentzat… -Ez gara mozoloak! Nola sinetsiko dizugu horrelako gezurra? -Egia bezain borobila delako. Hortzak airean utzi nituen. Lana aiduru geneukan, ez presatua. Kamioia gidatzen jarri zen Karim, bizkarretik sufritzen zuelako hondar hilabeteetan. Mendeko gaitza zen. Walkmanaren entzungailuak sakatu zituen belarrietan, diskoz airostu bere rai musika à bloc entzuteko. Eta nik, eta nik eguna, distira gorriz altxatzen nekusan. Karrika izkinetan zamatu zabor zakuak, besoek marrazten zuten ereile handiosaren keinu zabalaz, kamioiaren atzeko ipurdi zulora botatzen nituen, zaintsu. Barneko zikin xehetzailearen zurrunga dorpeak gure azkorriak balakatzen zituen. Bizitzaren errota zirudien. Aztapar zorrotzez, gauza onak eta txarrak harrapatzen zituen, lehertzen, murtxikatzen, karruskatzen, desegiten eta irensten. Azkenean ez zen ezer gelditzen. Urrina, karatsa eta hauts meta birzikla ezin bat baizik. Agataren destinoa ez zen finkatua, zabortegi ezberdinetan aurkitu nituen puska hirotuak Matildek xerkatzen zuen lagunarenak baldin baziren behintzat. Duda piztu zitzaidan lehen ubarroiak Aturri gaina balakatu zuenean: -Eta ikusi dudan gorputz enborra Agatarena ez balitz? Matildek androginoa zela salatu zidan eta androginoek ez dute nik begietsiriko bularralde hain oparorik… papoa ezkutatzen zuen beraz? Behar bada okerreko bidetik lehiatzen ginen, baina alderantzizko froga izpirik ez genuen: ez erortzeko, leze hegian haizeari lotzen gintzaion egundainokoan. Ekialdeko babuxka handien buru-zapi lilitsua zekarren emazte adinekoa begimendu nuen zakar poltsa astunak arakatzen. -Aizu, babka, zertan ari zara hor? Biltzen ari zaren janari horrek erituko zaitu eta erraiak kutsatuko dizkizu. Ez zara sekula sendatzen ahalko. -Nahi dudanaren egiteko libre naiz ezta? -Bai, noski, baina haragi hori epez kanpokoa da, aspaldian pasatua. So egiozu: har zuri malatsak dauzka ihaloska… Karim lankidea, marmaraz ari zitzaidan. Emakume zaharra bakean uztea manatzen zidan, txintik atera gabe. Gaitzitua, isildua bezain isilarazia, ukabilak tinkatu nituen: -Iparraldeko euskal herritar bakoitzak urtean 385 kilo zikin aurtikitzen ditu, 306 kilo sukaldeetatik datoz, erran nahi baita % 80a, 34 kilo berinak dira, 25 kilo egunkariak eta paperrak, 20 kilo estalki ezberdin, zabortegietara eraman trasteak bestalde. BAB hiriguneak zatar meta orokorraren erdia ekoizten du. Harrigarria. Babka hurbildu zitzaidan. Hortzak galduak zituen baina irri erraldoia eskainiz plastikoz gerizatu Yorkeko urdaiazpiko zurbilak erakutsi zizkidan. Urrea harrapatu baldin bazuen, ez bide zen zoriontsuago izango. Tuta ozen erazi zuen Karimek. Ernatzekoa zen eta kafe premia zukeen, zainetan zebilelako. Bazterren lasaitzeko amona zohituak begi zorrotzez eta ahur gosetiz ikertu poltsa kamioiaren tripa ustelaren zolara aurtiki nuen birindika. Babkak urrunetik agurtu ninduen, kopeta makur Haserrea sutu zitzaidan, behatza jaki hirotu eta malgutu batean sakatu nuelarik. Agataren balizko gorpuzkiaren kiratsaz oroitu nintzen. Etxera eta, oren bat eskas eman nuen dutxa pean, goragalea gainditzen saiatuz. Nolwenek, loak hartzear, sudur mazela zimurtu zuen. Ez nintzen tematu. Zai neukan egongelako sofa, atseden laburrerako. Musu eta balakak ahantzi nituen. Gutun-azal urdina utzia zuen mahai kantoian. Berresten zidan Agata izan zitekeenaz xehetasun gehiagorik ez zuela atzeman eta ADN frogak mutu zeudela erantsiz. Mezuari post-data erantsi zion: zakarrontzia jaitsi… Zikinez axolatzen zen Agata? Erosi eta saldu hitzak ezkonduz orrazturiko salerosi aditz soilera laburtzen zen kontsumo frenetikoaz suntsitu sozietateaz kezkatua ote zebilen? Sei hilabeteren buruan hausten, andeatzen eta zaharkitzen ziren ontasun materialen metaketaz arranguratzen zen? Matildek, bere adiskidearen zati ilunak argitzean, Agatarenganako nire interesa piztu zuen: gauaren erregina horren gurutzatzea gustatuko zitzaidan, distiratsua zen, erakargarria, eraman handikoa. Bazuen bestalde, ikara epeletan urtzera deitzen ninduen zerbait: Matildek luzatu zidan berarekin zaraman Biblia, orrialde horitu eta plegatuekin. Komentatzaile arrabiatuaren plantan, Salmoen eta Kantuen Kantuaren pasartea hautatuak apuntatu zituen bere idazkuntza xeheaz. Heriotzarekin bekoz beko aurkitu zen arte. Birrindu eta erortzen, gu zutik gaude indartsu… KURIOSITATEZ, eskuan neukan zakar poltsaren pisatzeko jaidura zapaldu nuen nigan. Bainugelan geneukan balantza numerikoaren gainean pausatzea nahikoa nukeen baina ez nuen ezer egin: -Tuntuna halakoa… -nire buruari modu apalesgarrian mintzo nintzaion ardurenean- hiritar orokorraz hain ezberdina haizela uste dun? Planetaren beroketan errurik ez dunala? Garbi eta argi ibiltzen haizela munduan zehar? Hondar hondarrak baino ez direla lurperatzen? Lixibatuek laster hire kafea ordezkatuko dutela? Diskurtso ofizialetan sinesten dun oraindik? Txin-txin egin dezakegula? Ispiluan aitzinean, desafiatzen nintzen. Gogoan neuzkan lanera joan aurreko urrats presatuak oro. Bang egin nion, mirailean agertzen zitzaidan irudiari, behatz lodia eta erakuslea pistola moduan marraztuz. Postura horretan edonor kalitu nezakeen, mundua sosegatu eta azken egunetako traumak sendatu. Maria Luisa Galardi gerrara zihoan, toma castaña erranez, eta pantailetan agertzen ziren Charlieren inguruko sarraskien nondik norakoen xehetasunek izu larria distilatzen zuten. Eguzkia zeruan gora zegoela, tenoreak zereginez mukuru neuzkan. Hargatik atsedena behar eta lankideekin hitz ordua finkatua nuen San Izpirituko Babel tabernako gela urintsuan. Hamar bat kide zeuden, begitarteak airean, bargo zaharren antzera etengabeko berri-kate baten itxura hipnotikoak goloski irensten. Tarteka, basoetan, Europako ardo lodia zeukatela gogoratzen ziren. Elearen alorra jorratu zuen Karimek: -Aspertu naiz lagunak! -Zu? Aspertu? Gure artean zintzo eta finkoena zara… ez gaituzu arauz zakar- Himalaia honen maldan umezurtz abandonatuko! -Ez, Amaia, lasai. Ez zaituztet utziko. Proposamen bat egin didate. -Baia? -Fidatzekoa? –Dédéren oharra zen. Ez hintzen trapitxeo ziztrin batean sartuko? -Bakea emaidak, ez nauk akerraren zazpigarren uzkerretik sortuetatik! -Zer lan klase da egiazki? Bil Ta Garbi erakundeak eraiki berri zuen Canopia zentroan hastea eskaini zioten. Nagusiarekiko azkeneko urte oroko ebaluaketa-elkarrizketan bizkarretik sufritzen zuela jakinarazi zion eta birikak, dioxido karboniko partikulez hanturiko airearen kutsaduragatik gero eta sentiberagoak zituela. Askotan bere eztul elkor oldeak, mingarri bezain kirikariak hautematen genituen, bereziki aro ederrak hamar egunez geldoan irauten zuenean. -Lortu duzu orduan? -Bai… datorren astetik hara, kamioia gidatzea eta poltsa astunak alu-zulo kakaztu horretara aurtikitzea baino lan interesgarriagoa eginen dut! -Zorionak Karim, zorionak! Ez gaitzazula ahantzi! Ez dizugu besterik eskatzen… Dédé, betileak plegatu eta irri ozenaz zartatu zen. Karimek, Canopiako egoitzak aurkezten zituen liburuki kolore aniztunak kontuarrean abandonatu zituen, keinu axolagabez. Web gunearen zuzenbidea zizelkatu nuen memoriaren zokoan. Karimentzat ona baldin bazen, niretzat ere ez zitekeen txarra. Zalantza izpirik gabe. Zubiaren erdi geodesikoan nengoen sakelako telefonoak jo zuenean. Kasurik ez egitea erabaki nuen baina linearen beste puntako perttolia tematzen zihoan: -Nor da? -Maddi, hire adiskide kuttuna. Badakin nortaz ari naizen ez? -Zer nahi dun? -Arren, ez zakar mintzatu nirekin otoi… ene beharra badun. Bildu gaitezela berehala, elementu berriak badizkinat hirekin partekatzeko. Zikloiaren begira hurbiltzen ari haiz. Argi zagon? -Distiratsu… Ez zen gozoa Maddi bezalako mari-manatzaile batekin hitzegitea. Misterioz beterik eta ironiaren burlaren maisu, hor zegoen goaitan, bere bonba lexikalak gure buru-muinetan zartarazteko eta suak pizteko prest. Baiona Txikiko karrikak, garunetan neuzkan galderak bezain izoztuak ziren: noren kontura ari zen Maddi? Agata ezagutzen ote zuen? Zer lotura zuen Matildekin? Zergatik ardura zion hainbeste, zakarren eztabaida polemikoek, herrixkak errotik inarrosten zituztenak? Jakinean zirudien… bitxia zen arras. Jende zentzatua nola sartu zitekeen, obsesioraino, horrelako gai eta ekai zikinetan? Bosgarren solairuko egoitzako atea bulkatu eta ez nintzen gutxi harritu Nolwen han kausitzeaz. Musu-lapa eman nion betazaletan eta larruak lardaskatzeko gutizia jazarri zitzaidan. Ehun bider errepikaturiko nirea zara, nirea zara mantra laguntzen zihoazen ferekak eta behatzak, zuzen, sexu hezeetara lerratzen. Ezpainak, nagi eta goseti, bular ikaratietan pausatzen ziren, sabel pare dardartietara lehiatu aitzin, big bang izugarriaren kaosetik salbatu orgasmo baten minean lehertzeko. Luzaroan geratu ginen bata bestearen besoetan, guhaurren atseginez kikilduak, amilduak, bilduak, isilduak. Amodioaren ondotik bertsolari bihurtzen nintzen. -Maite zaitut Nolwen. -Pozten naiz nire izenaz oroitzen zarela ohartzeaz. -Benetan maite zaitudala! Zergatik ez nauzu sinesten? -Alferrik da… Zer usaina! Zoaz dutxara eta egongo gara… bestela ez zaitut saihetsean jasango. Arrazoia zuen Spinozak. Bikotean ere conatus hura zen bizitzeko oinarririk baliagarriena. Kofoina eta harresia, Agatak bere Biblian tinta gorriz azpimarratu 27. salmoaren arabera: ez nazazula etsaien menean utzi, lekuko faltsuak eta bortitza draien jendeak altxatzen dira nire aurka! CANOPIA zentroko ate birtualetan nengoen. Ikara zebilkidan sagua ahurrean. Ez nekien nondik hasi. Ekitan nagitzen zihoan lantegi gisako multzo industrial biribilduaren argazkia zekarren lehen ziber-orrialdeak. Guztia, leloak terrentaz zioen moduan, eskualde baten zerbitzuko: murru itsuen artean gure zaborrak energia berde eta konposta bilakatzen ziren. Tratamenduek balio gehigarria eransten zieten gure zaborrei. Gure zaborren bestelakotzea eta birziklatzea premiazkoa zen. Gure zaborrak, xeheki bereizirik, Bil Ta Garbi Jainko fantasmatiko bezain omnipotenteari esker, ez ziren lurperatuko. Gure zaborrak hau, gure zaborrak hura, gure zaborrak eta bake saindu gotorrak… Gure min gogorrak eta zuen zaborrak. Canopia bi zatitan banatzen zen. Birziklatze sailean sukaldeko esperantzarik gabeko hondarkin azkenak tratatzen ziren, denboraren botereaz, metanoz osatu biogasa mota bat ekoizten zutela, berotasuna eraginez eta elektrika sortuz, elektrikaren parte handia EDF enpresa pribatuari saltzen zitzaiolarik. Berrogeita hamar mila tona konposta adelatzen zen halaber. Lur beltz aireztatua pentze eta elgeetan hedatzen ahal zen ohiko ongailu kimikoen ordez. Pantailari itsatsirik geratu nintzen, sagutxoari ekin ezinik: Banksyk Gazako hormetan marraztu gatu arrosa bezain ikusgarria zen! Baloratze organikoen zatia, hamabi mila eta bederatzi ehun metro karratutan zabaltzen zen autopistaren eta Tarnoserako bideen altzoan, Baiona Iparraldean. Berrogei langile baziren, administrazioan eta sailkapenaren lehen urratsetan, premiazkoak guztiak. Karim bertan ariko zen etorkizun hurbilean. Hondarretan hondarrenak toki batetik sartzen ziren kamioiez eta katearen muturrean energia edo konposta itxuran ateratzen. Adoratzen genituen, ehun urte hauetan modan ziren antzeko mirakulu industrialak, Amerika sakoneko harategiak adibidez, zeinetan behi zaharrak, idi dopatuak, zaldi etenduak eta zerri kirikariak, etapaz etapa, zarata sinkopatuen neurrian, tripota, lukainka, urdaiazpiko eta haragi jangarri bihurtzen ziren. Canopia zentroaren bihotzean berdin ekiten zuen makinaren, teknikaren eta borondate zientifikoaren hirukiak. Zikinek bereizketak, hartzidurak eta barne-barneko aldaketak jasaten zituzten. Zakarren destinoa zen, eta errefusak, gaizo errefusak, urrikirik ez errefusengan, langile alferrengan, langabetuengan, eriengan, itsusiengan. Zein infernutan kiskailiko ote ziren? Canopiako tapiza ibiltarietan gora pasatu ziren Agataren gorputz zatiak? Pantaila eta sagutxoak bertan behera utzi beharko nituen, alabaina, errealarekin tematzeko. Kezka ukan arren, ez nintzen kantitu, bisita jarraitzen nuen kafea berotzera joan artean. Telefonoa ozendu zen: -Ez dun ahantzi bihar arratsean elkartzekoak garela? -Agurrik ez duta merezi. Zer dira berriak? -Aitzintoka ibiltzen naun, xingilka, itsumandoka… duda dorpeak ditinat. -Super ongi! Irriz bukatu zen solasaldia eta hotz olde artikoak bizkar hezurra hormatu zidan. Agataren atzetik nebilen, Matilde salbu, nehor ez zen bere desagertzeaz arranguratzen, ez dakit zergatik, Maddik Oragarreko herritarren batzarrean agertu nendin desio zuen. Joango nintzen. Faltarik gabe. Canopiaren hostailara itzuli nintzen. Artikulu bat, kolore eta argazki, hamabost kide enplegatzen zituen bereizketa zentroaz ari zitzaidan. Tapizaren gainean plastikozko botila tolestuak ba zebiltzan, janari poltsak, esne tetrabrikak eta kartoi melengak, fardel astunetan bildu eta gero birziklatze kateetara bidaltzeko. Hiritarren zikinekiko joera biziki garrantzitsua laburbiltzen zuen kapitulu oso batek. Zinez ikasia behar zen izan jakiteko zein materia zein ontzitara aurtikitzen zen eta berriz erabili zitezkeen gauzen zortzi familiak ezagutzeko. Edozein zalantzaren argitzeko karriketan edo etxeetako korridoreetan gurutzatzen ahal genituen bereizketaren enbaxadoreak. Neska ederra ziren, ile-horidunak, gorpuzkera zoragarrikoak, ulermena bezain arazoen konponketa errazten zutela begi-kliska kokin soilaz! Ez nion sekula horrelakorik aipatzen Nolweni, haren jeloskeria ez atitxatzeko. Kasu egitea ahanzten nuenean, Altzaiko herensugearen pare hasten zitzaidan sua sudurretatik botatzen, eta zabor zakuaren ondoan kokildurik, bakarturik, gaitziturik bukatzen nuen! BERRIA ireki nuen. Gizon mundu bat. Politika eta kirola. Pilota orrialdeak bereziki interesatu ninduen: Olaizola eta Irujo eskutik pairatzen zeuden eta Xala alaina arras gaizki zen, bizkarretik minez, lehiaketatik kanpo Retegi eta Rezustaren aurka abandonatu zuenetik. Lekorneko txapeldunaren dolorea dastatzen nuen nik ere zutabea irakurtzean. Anartean, Ezkurdia eta Zabaleta gazteak izar nagusi gisa aitzina zihoazen baina ororen buru, ez bide zuten lehiaketa eramango. Horoskopora jauzi egin nuen barneko sena zaintsuaren jabaltzeko: garai ederrak iragartzen zizkieten marro zeinukoei. Agendan ez nuen deus deigarririk kausitu. Egunkaria ixtera nindoala, testu batek, hamar minutuz ebatsi zidan begia: Komuneko zuloa ez da zakarrontzia. -Gorputzak sortzen dituen hondakinak baizik ez dira bota behar komunetik behera eta komuneko papera. Hala ere, oraindik jende askok bestelako zaborrak botatzen ditu, problema larriak sortuz. Kazetariak egoera beltzatzen zuen: -Norberaren komunetik desagertu arren, paper zati bustiak ez dira berehalakoan desegiten. Hodietako uraren emaria oztopa dezakete. Arazo handiak sortzen dituzte zapiok araztegiek ez dituztelako tratatzen ahal, halaber onartuak ez diren likidoek bezain bestelako gai solidoek. Adituek, praktika inkontziente eta lanjerosak kontzientzia falta nabarmenari egozten dizkiete. Hamarkada higienista hauetan, supermerkatuetako apaletan ugaritzen ziren zapi hezeak zer ote ziren asmatzen eman nuen denbora. Kate muturrean, birziklatzeko eta itxuraldatuak izateko nekezia erraldoiak zeuzkaten. Herrientzat bezain hirientzat gastu handiak ondorioztatzen zituzten. Zapiak eguneroko bizitzako edozein uneetan baliatzen genituen: haurren ipurdiak garbitzeko, pottotten leuntzeko amodiotik landa, mahaien xahutzeko, sukalde zolaren eta bainugelako zeramikazko zera haien distira arazteko… erabilera, infinituraino estira nezakeen. Gauzen biodegradagarritasuna goraipatzen zuten, erosketetara gure akuilatzeko. Baina hatzak geratzen ziren beti, hezurrak, plastikoak, kaskezurrez hornitu kontainerrak, tibia eta peroneak, berinak, zapia zikinduak, molekulak, hormona hondarrak…. Erradazu zer botatzen duzun, erranen dizut nor zaren… Egunen batean, menturaz, komunetara aurtikitzen genuena pisatuz aztertuko zen gure bizi-modua. Antropologiaren eta soziologiaren adar berria zabalduko liteke. Ateko txilintxak orroa egin zuen: Bortara hurbildu nintzen astiro. -Nor da? -Ni naizela! Nolwen! -Non dituzu giltzak? -Armairu zaharraren gainean ahantzi ditut. Ikusten dituzu? -Bai, bada zerbait, han… ongi da, zabalduko dizut. Maite nuen andrearen irri zoriontsuak, nire buru txikia emokatzen zituen urrin zizkolatsuak urrundu zituen. Besoetara jazarri nintzaion. Arranguratu zen: -Daldaraz zabiltza… zer duzu? -Hoztua naiz. Berria irakurtzen eta ordenagailuaren aurrean iltzatua egon naiz. Leihoa zabalik zitekeen. -Eroa zara! Ez dut beste erratekorik. Zer bilatzen duzu? -Agataren aztarna bat. -Nehork ez du haren desagerketa salatu… zer gehiago nahi duzu? Hutsean ari zara, debalde, helburu egokirik gabe, denbora galtzen… -Bukatua duzu? -Bai, baina lasai, orain arte bezala lagunduko zaitut. Musu lasterra pausatu nion ezpainetan. Aurpegia aldatu zitzaion eta maitea hitza marmaratu zuen auhen batean. Bihotza hautsi zitzaidan eta betezpalak astuntzear nabaritu nituen. -Amaia, zuzen zaude orohar… Iparraldeko zabortegi ezberdinetan atzeman dituzun gorpuzkiak ez dira ametsetako lukainken hagakoak. Norbaitenak dira. Bacheforesko gurutzunean patruila batek maleta urdina jalgi zuen lokatzetik. -Noizkoa duzu berria? -Goiz honetan ekarri ziguten. Gakoa zeukan. Gauza bitxiak baziren barnean. Plastikozko poltsan berrogeita hamar euroko billete parrasta bat bazegoen. Irakorlatik atera berriak, bankarrotak antolatzen trebatu Europar Banku Zentraleko Mario Draghik bezperan izenpetuak ziruditen. -Eta? -Entzun ezazu hoberena… billete bakoitza hiru puskatan ebakia zen eta kola bereziaz berrosatua. Hasmentan Monopoly joko ezaguneko monetak zirela uste genuen, baina ez, egiazko egiazkoenak ziren. -Bitxia da… gure aitak kontatzen zuen, iragan mendeetan, Euskal Herri barnealdeko politikariak, herriz herri ibiltzen zirela, hauteskundeen aurretik ehun liberako billete erdiak banatuz, beste erdia hauteskundeak pasatu eta eskaintzen zutelarik. Egokiro bozkatzeko ziurtasuna ordaintzen zuten –lana, familia, eliza, patria. -Billeteren batean odol ttantta bina zehaztu genituen. Laborategira igorri ditugu. Bihar edo etzi jakinen dugu ADN zantzuak norenak diren. Berantetsia ditut ondorioak. Ez zara egarri? Nolwen zutitu zen eta basoak ekarri zituen ontzitegitik. Eskailera azpian geneukan sototik txinta ozenak hegalda zebiltzan. Getariako txakolinaren hotsa zen eta poza ernatu zitzaidan arimaren erraietan. -Agataren osagarrira… BERROGEITA hamar euroko billete famatu haietako baten argazkia erakutsi zidan andregaiak, bere mugikorraren pantaila distiratsuan: -So egizu… hiru lekutan moztuak dira. Cutter urrakoz bezala. -Hatz markarik? -Bai. Kola banda batean aztarna bat bazen. Aztertzera igorri dugu. -Biba zuek! -Badakizu, ez dudala, informazio mota honen zabaltzeko eskubiderik! -Baina, ni, zure emaztea naiz… -Oroit arazten dizut ez garela ezkonduak! -Hori baizik ez bada… Guztia alabaina Top Secret zigilu azpikoa zen. Agataren atzetik genbiltzan. Misterioak irauten zuen Baionan, Lekeriketan bezain, pista ezberdinen kaleidoskopioa geldo zetzan, egoera sakontzeko baliabide izpirik ezean, garun narrastiarra sustatzen genuen arau, gure cortex delakoa arranguratzen zuela. Nahasten nenbilen zabor meta galanta horretatik deus ez banuen ateratzen, Matilde eta Maddi betiko haserretuko zitzaizkidan, baztertuko ninduten eta zilbor hestea ebakiko zidaten. Nolwen karkailaz lehertu zen eta besagainka zabalaz telebista piztu zuen. Amerikar telesaila, kanapea, isiltasuna. Gose nintzen. Hozkailua ireki nuen. Mukuru betea zen behingoz. Nolwenek hipermerkatua hustu zuela zirudien. Ondoko egunetan irentsiko genuena baino traste eta zera gehiago erosi zuen, botatzeko menturaz parte handi batean, ahalkerik gabe. Begiak zerratu nituen. Noiz behinka egunkarietan plazaratzen ziren zenbakien arabera, estatuko bizidun bakoitzak, urtean zehar, hogeita hamar kilo janari aurtikitzen zituen, eta jan-kate osoari egokituz, zifrak ehun eta berrogeira hupatzen ziren. Ekai jangarrien botatzea, etika, ekologia zein ekonomia aldetik, ez zen gehiago jasangarria, onartu ezina baino. Doi-doia epez kanpo eta saltzen ez ziren produktuen aurtikitzea debekatzeko legeak orrazten zebiltzan gobernariak, supermerkatuak helburu. Askoren gostuko, sektore pribatuan eragin ez zitekeen, enpresa eta salmenta askatasunaren izenean, alor horretako politika publikoak oinarrizko kontsumitzaileen bizkarrak astintzen zebiltzan. Banaketa kate erraldoien jabeek, lan-eguna bukatzean, jabel urez edo azidoz bustitzen zituzten botakin-kontainerrak, zakarrontziak miazkatuz ihardukitzeko ohitura zuten jendeak urruntzeko. Halaber, abereentzat, metanoa ekoizteko ere ez ziren on. Ankerra zen egoera. Jende oldeak gosez hiltzear eta soberakinak suntsituak ziren nahitara, iraungitze mugetan edo inperfekzio arinez saldu ezinak zirelako. Halatan, doan eman zitezkeen milaka pinta esne eta ehunka kilo jogurt galtzen ziren arraiki, kontsumo arruntaren hodi ezkutatu eta ilunetan behera isuriak. Eta inork ez zekien kapitalismo letal, morbido eta pornografiko horren ordez zer ezarri. Hiritarren eta politikarien izpirituetan antsia emendatzen zihoan, sistemak, lehertuko zenean, utziko zuen zuloa irudikatzean. Terrorismoaren beldurrak, arraposki landuak, ustiatze, opulantzia eta arrogantzia garai horren bukaera ahanztea baimentzen zuen. Nolwen, begiak pantailan zetzan. Pantailan, amerikar mutiko lodiegia ageri zen, beltza, trinkili-trankala eta hanburger urintsua ahurrean zaraman. Hortzak zuri zeuzkan, baina LAPD-koak aurrean edukitzean, irriak sartu zitzaizkion: -Atxilo zaude! Hemendik at erranen dituzun guztiak zure kontra baliatuak izan daitezke. Esteka ezazue! -Abokatua nahi dut… -Buztan-bero alu zikina zu! Lasai, ukanen duzu bat, ofiziokoa. Zureak egin du. Eskuaz kasko pelatua gerizatzen ziotela, polizia kotxera bultzatu zuten bortizki. Hanburgerra, erortzean, ostra baten antzera, espaloian zabaldu zen tomate saltsa, maionesa birlak, tipula xerrak, entsalada hostoak eta haragia barreiatuz. PT315 matrikula papoan zekarren poliziako argazkilariaren ezkerreko oinak geratzen ziren puskak tapalakatu zituen, nagusiaren kexua eraginez. Gorputz zatiak zakarrontzietan gordetzen harrapatu zuten gizona. Bazuen aspaldi atzetik ibiltzen zitzaizkiola. Hainbat neskatxa eta emakume desagertu ziren, zuzenbiderik utzi gabe. Serial hiltzailea omen zen. Hannibal Lesterren seme propioa. Ez nezakeen zehaztu odola ala ketchupa, zer zetorkion ezpainetan behera. Sabela inarrosi zitzaidan, garbi gelara abiatzen nintzela, arrapaladan goiti egiteko. Bat batean, Nolwen neukan aldamenean, kezkaz kiribildua: -Zer gertatzen zaizu? -Zure telesailak… tripak iraultzen dizkit… -Arren, fikzioa baizik ez da! -Ikertzen nabilen gaiarekiko lotura zuzena dauka. Agatak, agian, horrela bururatu zuen, serial killer ziztrin baten atzamarretan, torturatua eta mutilatua, bata bestearen ondotik, ez bada biak batera! -Ikara nabari dut nik ere. Nahi duzu Céline Dionen Quebec-eko kontzertuaren bideoa bulkatzea? -Gogotik ikusiko nuke bai… milesker maitea! Disko musikarekiko dantza-lekuan banintz bezala urrundu nintzen garbi gelatik eta Nolwenen beso artetik. Keinu bitxiak egiten nituen. Punpari nindoan. Agatarantz. -I’m alive… GOIZEAN goiz atera nintzen, beharrera. Karim eta Dédé aurkitu nituen zainart eta zoriontsu. Egia erran, ez zen sobera normala, garai hauetan, pozik joatea lanera: bazen hainbeste kezka, arazo, hainbeste min eta estresa, hierarkiaren edo lankideek aldetik hainbeste ageriko tratu txar non lanaren mundua, izan bulegoak ala fabrikak, muturreko kalbario bide mutu, eta bakarretan dramatiko bilakatuak ziren. Dédék hitza askatu zuen: -Arratsaldea libre daukagu! -Hori bai dela, lan honek duen hoberena… -Ez da erraz erraza… baina baditu abantaila zenbait. Karimek ele baikorrak ahoskatu zituen eta jauzi batez, kamioiaren kabinara hupatu zen. Zaratak eman ahalako musika ezarri zuen. Ras Daniel izeneko reggae taldearen melodien kolpekak hauteman ziren, bazterrak eta arimak troxatuz. Karimek bortitz gidatzen zuen eta atzean gu, hosto meharrak abar puntetan bezala mugitzen ginen, orekan, plataformatik jaitsi eta igo tematzen genbiltzan, neurrian, mekanikoki, erortzear, erortzear, erortzear… Azkorria altxatu zen. Ekialdetik, zerua gorri zebilen. Artizarra ortze-mugan desagertu zitzaigun. Aturri gaineko argi zirrintek, jendeen bihotzak, gogorrenak barne, biguntzeko ahalmena zeukaten. Aski zuen gainera, haize fresko samurrak Errobiren azala zimurtzea, paradisuko ateak irekiko zirela ziurtatzeko. Doi-doia zabaldu tabernetatik kafe eta kruasan usain indartsuak iradokitzen ziren. Plataformatik lerratzear egon nintzen. Telefonoa belarrira hurreratu nuen eta adiskidearen ahots loz hordia hauteman nuen: -Zertan haiz Amaia? -Lanean… -Lanean? Hi? -Bai… Errazkidan erran beharrekoak. Agudo… -Finitzen dudanean, haugi Hazketara. Ukabil Ekintza baten minean gaitun… -Oren bata irian agertuko naun. Maddiren boz kementsuak erakusten zuen bete-betean zebilela zabortegia ixtearen aldeko borrokan, Hazketa 2010 elkartearen baitan. Aurtengo maiatzaren 29an, Bil Ta Garbik deliberatzekoa zuen zakartegiarekin jarraitu zuten ala ez, 1995an izenpetu konbenioa lekuko. Are gehiago: egun seinalatu horretan ahitzen zitzaion Bil Ta Garbiri Hazketa erabiltzeko epea. Egonaldia hemezortzi hilabetez luzatzen ahal zuen, menturaz bi hamarkada ere, ordezko tokirik aurkitu ezean: erosoagoa zen jada funtzionatzen zuen lekua zaintzea, bazterrak harrotzeko eta deskargarik beraien lurretan nahi ez zuten herriak haserretzeko premiak uxatuz. Izpiritua lauhazka utzi nuen: Hazketari zegokionez arduradunak axola eskasez hurreratzen ziren. 2014ean demagun ez zen kontrola izpirik egin. 2012an aldiz DREAL ikuskari publikoak plazaratu txostenean zakar debekatuen eta garraio fitxa ez osatuen presentzia azpimarratzen zuen. Suez enpresaren filiala zen Sitako komunikazio buruek eskualdeko biztanleei agerpen zientifiko baketsuak eskaini zitzaketen arren, ez ziren hegiak arras leunak afera honetan. Lana bukatu eta Hazketara ernatu nintzen kotxea harturik. Deskargaren atarian aurkitu nintzenean, Maddi, lasterka, niregana zetorrela begimendu nuen. Zainetan zegoen: -Hator! Hator! Zazpiak eta erditan ttanko hemen gintunan. Orain, prentsaurrekoa dinagu. Erna hadi arren… -Trankila, emaztekia, nora dun horrelako presa? -Herritarrek ba diten Hazketan gertatzen den guztia jakiteko eskubidea, zer lurperatzen den, zer isurtzen eta zer ateratzen den hondar-mendi hauetatik… eta horretan ari gaitun. Alafede baietz… -Hi bai hi, pasionaria sutsua! Tuñako bat eman zidan kostetan. Behaztopatzear egon nintzen. Nork zuen bada Maddi geldiaraziko momentu hartan? Argazki makinak hauteman nituen klix-klax, arkatz ilunak orrialde zurietan xirri-xarra eta kamerak zurrungaz. -Sei kamioi kontrolatu ditugu eta batek bakarrik garraio bonoak erakutsi zizkigun. Bostek atzera joan behar izan zuten paperak ozkan ez zituztelako. Errepidean, behereko bide gurutzean, itzuli-minguli, beste bi ibilgailu astun zelatatu genituen. -Zer dira garraio bonoak? Kazetariaren galdeari erantzunez, Emile, Beskoiztar zohituak, hitza hartu zuen. Arrapostua, kasik mailu jalgi zitzaion: -Bonoek kamioiek dakarten zaborraren nortasun agiria ematen digute. Ekai likitsen jatorria, ekoizlea, natura eta tonelada kopuruak ere bai. Beraz zinez garrantzitsuak dira. Gaur ere, frogatu ahal izan dugunez, Hazketan ehorzten denarekiko duda handiak daude. -2014ko abendua arte, segitu zuen elkarteko ekile batek, Bil Ta Garbik hilabete oroz informazio fitxak pasa arazten zizkigun, baina hondar asteotan mutu bezala dago. Uste dugu Hazketan nahi dutena ezkutatzen dutela eta guk, auzoek, zabortegiaren kiratsa patitzen dugunok, lekuan lekuko egiaztapenak egiteko dretxoa dugula! -Bihar arratsaldean berriz etorriko gara eta goiz honetan baino ugariago gainera. Ez dugu etsiko. Ez horixe. Atorra karrakatuaren gainean segurtasun palto fluoreszentea zaraman gizon zardaiak oihukatu zituen azken hitzok. Bil Ta Garbiren bilketa espaziotik kanpoko eremuetatik etxegintza hondarrez kargatu kamioiak zetozelako susmoak zeukala erantsi zuen, ikara. Maddiren litania, nire buruan: artsenikoa, fosforoa, errefiuma. Zakarren erreketa-keen garbiketa aztarnak. Hazketa hets ala geroa hits! BERRI lasterrak trukatu nituen lanean zegoen Nolwenekin. Jakin arazi nion Oragarrera nindoala Maddiren konpainian. Bakoitzak gure autoa hartu genuen. Behialako nire eskolako lagunak ximixtaren pare gidatzen zuen, zeruaren iluna zirrimarratuz eta beltz une izugarriak argituz. Ekin-gose zebilen beti. Egun batez, iktus amnesikoak hegaldi betean zirtzikatuko zuen edo bihotzekoak akabantza emango zion. Isturitzeko bihurguneen gainean, saiak zirurikaz zebiltzan, haragi hiroz falangatsu. Menturaz, zabortegi ireki batek, ezezagunek Otso Errekara aurtiki abere tripaki zaleak ziren hegaztiak loriatuko zituen. Haizeak aurka buhatzen zuenean, ustelaren nazkak kateztatzen zituen inguruko bazter bukolikoak. Auto-gidari presatuei traba egiten zielako, auzapezak suntsitzea erabaki zuen pilota plazarik gabeko nire herrira iritsi ginen. Eliza eta hilerria, biak, paradaz balia, arrasatzen ahalko zituen, eginkizuna osatzeko eta herriaren bihotzean lau-bideko bat zabaltzeko. Aire meheak, ezpata bailitzan, lardaskatzen zituen bortu mazela amilduak. Oragarreko batzar tokiaren pareko aparkalekua betea zen jada. Maddiren ondora hurbildu eta elkarrekin sartu ginen, herritarrak agurtuz: -Zuek hemen? -Ongi goaz, Maddi gurekin baldin badago! -Aspaldiko… -Bizirik zarete oraino? -Orduan? Hirian dena ongi? Trufa baino musika handiagoa zen gelako atarian. Ageri zen zerbait handios jolastuko zela bertan. Sakontasuna eta garra nabari zen, durduza bat, zalantza bat. Bilkura kudeatzen zuen andere gazteak, zintzurra karrakatuz, arreta eskatu zigun: -Ordu larria suertatzen zaigu. Jaun Merak zerbait gordetzen digu. Zurrumurruak baziren baina nola sinetsi? Alta egia da: Bil Ta Garbiko arduradunei proposatu zien Oragarreko Bartetako ibar urrun batean zabortegi erraldoia zabaltzea, Hazketan edo Mendixkan eraikiak zituztenen antzekoa. Isilka-misilka aritzea leporatzen diogu auzapezari. Hau ez da horrela pasatuko! Leizor burrunba elkorrak hantu zuen berrehun eta berrogeita hamar kide entzerratzen zituen gela. Oihuak. Harramantzak. Haserre sartuak. Ilusio kolektiboen leherketa. Etxe bakoitzetik saltsari bana bazen, gizonezkoak nagusiki, baina emakumezkoak ziren bozaren garatzaile sutsuenak. Melania Dupontek bildu zuen elea: -Kontseilukoa naiz… ez diezaiogula harria zuzen kontra bota: Bil Ta Garbiko arduradunek derrigor diskrezioz aritzera bultzatu zuten. Hastapenean haiek errana egiten zuen, baina txutxu-mutxuak hedatzen hasi baiko, guztia salatu zigun. Hautetsiok, proiektuaren aurka bozkatzea erabaki genuen. Munduaren giderrak absolutuki esku artean zeuzkatela sinesten zuten erakundeek beren borondatea inposatzen zieten herritar xeheei, normalean hauek delibero unilateralen errefusatzeko dretxo mikorik ere ez zutelarik. Funtsean ez zitzaien sekula ezer galdatzen. Multinazionala ustiatzaileek, trenbide eta aireportu diseinatzaileek, SEVESO neurriko lantegi kutsakor eta zentrala nuklear eraikitzaileek horrela ekiten zuten, elkor eta gor. Txosten eta ahalaz idazkirik gabe antolatzen ziren gauzak, diruaren trukean segurtatzen zutela promotoreek minoria konplizearen duplizitate adostua. Aski zuen gizon ttattardunak batzarrean azaltzea, hitza etengabe monopolizatzea, ele urguilutsuak erabiltzea, eta dadoak mahaian hedatzen ziren, beti indartsuenen alde, irabazle itsu. Beti. Herritarren gehiengoak, gau hartan, Oragarren, ezin hobeki ulertua zuen afera likitsaren mehatxua. Ez zuten horrelako lurperatze eremurik nahi. Bil Ta Garbik aztertu nahi ez zituen aterabide ezberdinak ere ba omen ziren. Aurkarien helburua orduan, herria elkartzea zen, zakarren ehorzte eta errauste plantak blokean ez onartzeko. Mendiolako Charlotte Corday zutitu zen, bere haurdun sabela samurkiro ferekatzen zuela: -Canopiako arduradunak, bere ardi arloteak zainetan lehertzen zebiltzala konturatzen zihoan auzapeza lasaitzen saiatu ziren: Oragarre ez zen haien xedeetan sartzen. Ideia abandonatua zuten. Baina ez dira fidagarriak, nehondik ere ez. Badakigu, eta Sarrikota Peko adiskideek guk baino hobe badakite: herria azkena zen Bil Ta Garbiren zerrendetan, eta hondarrean lortu zuten zortearen sari nagusia! Batera lan egin dezagula, ez badugu Zuberoako gure lagunen pare bukatu nahi. Txaloak ozen. Nasaiak. Charlotak jarraitu zuen, fermuago: -Bihar, auzapeza Canopiara joango da, gutariko bi kideekin, ikerketa publikoen ondorioak entzuteko, eta datorren larunbatean, Sarrikota Pean agertuko gara, Mendixka gunearen estrenan, banderola eta megafoniekin, gure ez-adostasuna plazaratzeko. Bi orduren buruan Bettanek azken hitza hegaldarazi zuen: -Gauden bat! Batasunean baizik ez dugu, herria zikintegi horren mehatxutik libratuko… Zaindu dezagun arbasoen lurra ondorengoei kutsatu gabe oparitzeko. Jende horiez mesfidatu gaitezela, izurriteaz bezain. Ez dut besterik eransteko. Gau on eta laster arte… Antolatzaile bat aitzinatu zen, paper bat eskutan: -Jarri hemen, zuen mezutegi zuzenbideak eta banatze-lista bat osatuko dugu, eskuratzen ditugun arau, informazioak eta ekintza iragarrien egutegiak zuei pasatu arazteko… Herritarrak, banan-bana, atera ziren, irriz karkaraz, borroka baten hasmenta jotzen zuen mugimendu muskil baten kide izateaz harro. Maddik bi solas irun zituen bere anaia gehienarekin, niregana bihurtu aurretik: -Blokea osatzen dinagu, Amaia… Hargatik harririk borobilenak ditun hauskorrenak, den-mendreneko kolpea angelurik egokienean aski dutelako mila pusketan zartatzeko! Adiskide txinpartatsua ez zen baitezpada baikorra. MADDI bere 4L-a makatuan sartu zen eta agudo desagertu, Bidaxunerantz. Agur laburretatik lekora, gauaren erdian, bakar-bakarrik gelditu nintzen, Apaterena ibaiaren ertzean, Baionara itzultzeko biderik laburrena zein zen hausnartzen. Gustatzen ez zitzaidan arren, Amikuzeko Oihanaren zeharkatzea hautatu nuen finaren finean. Haurtzarotik oihan sakonari beldurra nion: galera eta ilunbea biltzen zituen batera. Etxekoek, egia erran, izua hazi ziguten, istorio latz eta zapalgarriekin. Ez zuten nahi, ezezagunak tirriaturik, amainaturik, ezkaratz gerizagarrietatik urrundu gintezen sobera. Karroinak zuritzen zituen bazterrak. Lainoen artetik ilargia kuku-gordeka jostatzen zebilen. Irri hezea neukan ezpainetan. Matilderen deiaren zai nengoen, baina mutu zegoen, desesperatuki mutu. Autoko irratian, Bilboko Loraldia jaialdian, Joseba Irazokik, herri honetako gitarra joile zoroenak marrakatu Lau Teilatu abestiaren dirty aldaera hautematen nuen… Grabaketa pirata, erran gabe zihoan. Engoitik, zabortegiak, zikinak, oldartzeak, erabakien parreko ezintasunak eztabaidatzen ziren edozein herriko jaixetan… txanpaina basoak gora, bereziki neguko arrastiri hotzetan. Halako batean, Oihaneko Egoitzaren aldameneko gurutzunean, trastuki beztitu gizonak bidera jauzi egin zuen. -Horixe besterik ez nuen behar… -Geldi! Redios! Geldi zaitez! Gizakia hertzen begimendu nuen. Besoak zabalik. Ahoak eta ezpainak tolestuak itsuski. Harritua nengoen. Inkontziente hitsaren ez zauritzeko autoa sigi-sagaz maneiatzen nuen. Hondarrean, kalatu nuen. Eromenak bihurtu aurpegia berinara hurbildu zitzaidan: -Bilatzen duzuna naun! -Zu? Zaude isilik! -Agata kalitu nuen eta Euskal Herriko zakartegi ezberdinetara aurtiki, plastikozko poltsa berdeetan. Nehork ez nau sinesten! Hiltzailea naiz, argia, inteligentziarik gorena… -Bakea emaidazu! Poliziari deituko diot! -Izuak akabatzen nago… ilki zaitez autotik! Mintzatu behar dugu! Egin dudanaz harro nabil, are harroago ordena-indarrek beraiek ez nautelako oraindik harrapatu! Norbait naiz, jakizu, norbait naizela! Tulipa-arbola eta lizarren kasko altuak plegatzen segitzen nituen haize hotzarekin. Maddi madarikatzen nuen, hain soil abandonatu ninduelako eta Nolwen halaber, haren premian nengoela, beti lanean zelako. Mitomanoa nuen aitzinean, agian imitatzaile putruska bat, baina ni arriskuan nenbilen, egoera jasan ezinean: nondik atera zen ez nekien inguma haserretua nire autoari joka ari zen temaz. -Ez higitu, arren! Sumetituko zaitut… Horrelakorik ez duzula maite badakit! Agatak sufritu pairamen berdina jasanen duzu zuk ere, hamabost suplizio kordelan, ongi-etorri opari gisa. Zure antzeko putaxka memeloak ditut maite. Gozokeriak egingo dizkidazu gainera, zuk, dirurik eskatu gabe. Algara ziztrinaz lehertu zen eta oihartzunak Amikuzeko Oihana kateatu zuen. Irudiz, behialako espektroak oro airean zebiltzan. Ume jaleak eta txita irensleak. Piztia gosetiak. Urkatzaile amorratuak eta birjinitate ebasle zigilatuak. Den-denak, zelatari, haritzen maldan. Agata erahil zuela aldarrikatzen zuena herioaren munduko likits horietatik zela sinesten nuen erraz. Mozkorra zen erabat. Pistola zakila malgua bailitzan atxikitzen zuen, konkor. Arreta ahultzen zihoakion. Besoa bihurdikatu nion, keinu zehatzaz eta ihes joan zen, dolorez orroaz, abere sangratuaren pare. -Nora hoa, urriza ustela? Haugi hona, urdanga zikina, haugi berehala! Zer ari haiz kaka nahasten? Enekin behar haut. -Behar nauzula ? Ez duzu hoberik! Urdaiazpikoak, lukainkak eta odolkiak egiteko! Hori bai ironiaren zortea! Azken hitzok, haritzen artetik lerratu arau ahoskatu nituen. Bihotza ehun eta berrogeita hamarrera igotzen nabaritzen nuen, ohartu nintzen arbolen erresuman, erabat galdua nintzela. Gizonaren deiak aditzen nituen, urrunean. Oragarreko norabidean nengoen? Bartetakoan? Arruta ala Bidaxunerantz abian? Nola nekikeen? Zuhaitzak eta lurrak guztiak antzekoak ziren eta ororen buru zirkuluak marrazten ari nintzela ziruditan. Amikuzeko Oihana benetako labirintoa zen. Errepidea berriz eta agudo aurkitzen ez banuen, hezurrak bertan zurituko zitzaizkidan, eta saia alderraiak nire haragiaz aseko ziren arraiki. Ufada astun eta hotzek gizaki mentsaren laidoak eta irainak ekartzen zizkidaten, elkor, itoak, nigan halako burtzoro minbera haziz. Pitzatua zen arras. Nora jo bada? Itsumandoka nindoan, arbolak kuskatuz, erroetan oreka galduz, izuak, lasterraren abiadurak eta nerau salbatu xedeak akuilatua. Agataren azken uneen lekukoa izan zela zioenak xederan gatibatu errepittitta axola gabea nintzen. Aukera uzten baldin ba nion, ziur nengoen ni ere akabatuko ninduela hor berean, briu-brau, damurik gabe. Malkar luzea jaitsi nuen arrapaladan, azpiak xehekatuz, gaztainondo biren erditik doi-doia pasatuz, bidea bordatzen zuen arroila batera erortzeko. Garbotsek odoleraino larrutzen zidaten nire ipurdi baliosa. Autora iritsi nintzen. Oinarekin lurrean zegoen zera gogor bat jo nuen. Inkontziente edo buru-arin batek, bertan ahantzi dokumentu poltsa bat zehaztu nezakeen. Bildu nuen, kotxea piztu eta agudo desagertu nintzen, Bidaxunerantz. Atze-ikusgailuari behako etsituak botatzen nizkion, noiz behinka, nire integritate fisikoa mehatxatu zuen gizon basatiak ez ninduela segitzen baimentzeko. Hatz izpirik ez. Salbatua nintzen? Maddiri deitu niezaiokeen? Eta Nolweni? Bidaxuneko hilerri judutarraren harresi xumeen maldan gerizatu nintzen, bigarrenez zazpi egunetan. Eskua bihotz aldean pausatzen nuen taupada salbaiak jabaltzeko bezala. Zeruaren minean ilargia nekusan, begi kliskariz, trufariz agian, nire erabateko etendura egoeraren lekuko. Harlauz grisak, izotzez zuritu belardian zebiltzan distiraz. Agataren izarrak eramango ninduen. Spinozak: ez irri, ez negar, baina ulertu… BAIONAKO ostatuak, gauerdi irian, ez ziren oraino zerratuak hirira heldu nintzenean. San Izpiritu zubiaren maldako Bar Abbas izenekoan sartu nintzen. Zerbait azkarren premian nengoen. Denborak eta alkoholak higatu begitarteekiko mozkor erre pare bat zetzan kontuarrean. Basoetako hormatxoak klaskaz inarrosten zituzten, etsitu, apatiko, kalakari. Zerbitzariak helatu ninduen: -Zer nahi duzu? Ez zara hor egonen pelele baten moduan… -Whiskya mesedez! -Nire kontura –erran zion mutikoari zahar batek, bere bizitzaren istorioaren kontaketa geldituz. Kopeta apal zeukan, munduari ezkel behatzen zion eta sakonki triste zirudien. Berrogeita hamar urte lehenago paratxutista gisa bidali zuten Baionara: -Halako batean, Zitadelan geunden soldadu talde bat joan ginen Miarritzeko Négresse auzoko dantzaldi herrikoira. Akordeoiak, txistuek eta danborrek alaitu giroan bere gurasoekin zebilen neska gazte beltzaran ederrak onartu zuen nirekin baltsan aritzeko gonbita, dantza alorrean funtsean arras malestruka nintzelarik eta hala naizelarik oraino. Egiazko heskualdunak… sei hilabete gabe, Maria-Luisa eta biok ezkonduak ginen, legearen eta elizaren arabera. Oreinaren antzera arramaz ari zen. -Ez genuen liskar soil bat eduki, zorion itsuaren hegal pean bildurik egon ginen zoroki. Iragan astean ehortzi nuen minbiziak eraman nire andre kuttuna. Ezin dut gehiago… -Ezagutzen dugu zure ipuina, Tizian! Min hartuko duzu… aspergarria zara, hondarrean. -Terrentak ez nau axolatzen. -Isildu zaitez behingoz, kanpotarrak baditugu hemen. Zer pentsatuko dute gutaz? -Pentsa dezatela nahi dutena! Bost axola… Nire behialako izua berresten nuen, nire iragan hurbileko gertakariak konprenitzen saiatuz eta Tizianen harpe-ahotsa entzunez, ispiritua desbideratzea lortuz: zer zuten bada jendeek, horrela, deblauki, beraien bizitzak harilkatzeko, xehetasun intimoenak, txikienak, kurios pinterdi goseti anonimoen bazka gisa eskainiz eta piperra eskas bide zuten egunerokoei egintza okaztagarrienak erantsiz? Hausnar zekenaren antolaketa nahasi zidan mugikorraren joaldi zizkolatsuak. Telefonoa eskuratzean, Amikuzeko Oihanean lurrean harrapatu larruzko moltsa atzeman nuen: -Kontxo! Zer da hau? Ahantzia nuen… muga-egoeren bortxak gogapena egiazki elbarritzen duela argi dago! Zorroaren edukia mahai urintsuan hedatu nuen: berrehun euro baziren, segurtasun sozialeko karta, gidatzeko baimena eta nortasun agiri froga bat. Harritu nintzen horrela, suertez, Agataren puskatzea harroki bere gain hartzen zuen gizonaren identitateaz jakitun bihurtzeaz. Gaitzeko mitomanoa zen! Aste bete jada ikertzen ari nintzela eta hara, gutxien uste nuelarik, enigmaren gakoa ahurrean neukala. Baina ebasle soila ere izan zitekeen, hiltzailearen konplize bat edo bere ospetsu ordu-laurdenaz gozatzea amesten zuen norbait. Nortasun agiria argazkitan hartu nuen eta Nolweni bidali: tipo hau zure fitxategietan bilatu mt ztt. Mezua ezinago argia zen. Nitaz nahikoa fier, azkenean, etxeratu aitzin nekienaren bilduma osatu nuen: -Bernitz Mendiola, enpresa burua, hirurogei urte. Baionan sortua. Familiatua, ile horiekiko emazte panpoxa eta, noski, zohituriko bi seme kankaila. Hiritar perfektuaren irudi prestua ematen du, arras behar den bezalakoa. Komunioa emango genioke kofesiorik gabe. Itxuraz asetzen dabilen jendarte honi egokitzen zaio, erabat. Kolpea bihotz minean? Tabernariak kontuarrean tapalakatu izaki hondarkinak eta zakar poltsak oro kanpo ezarri gintuen, olde berean. Errepublika Plazako jargietan ttottotu nintzen, Tizian eta beste itzal herbalak nondik nora zihoazen begiz zelatatzeko. Iturriaren aldamenean, bi mutiko beltz, zango-baloian ari ziren eta laster batean eremua, urrez brodaturiko djelaba zuri-zuriaz jantzi bizardun arranguratsuak trabesatu zuen. Altzazia-Lorrenako suan, auto bi zotinka zebiltzan. Polizia kotxe eta anbulantzia baten sirenek Baiona Handiko biztanleen loa ebaki zuten. Merkantzia trenak, abiadura itzelean pasatuz, auzoko egoitzen oinarriak inarrosi zituen. Karrika hutsetan, hiriaren erdian, Amikuzeko Oihanaren zoko-zokoan baino sosegatuago senditzen nintzen. Baserri gune hiper-erruralak zegoeneko metropoli erraldoiak baino lanjerosagoak ziren: arima eskasak zebiltzan ilunbean, ingumari, parpaila immaterialez eta itzal fantomatikoz bizkar-zainduak… Sinagogaren paretik lerratzean, leihoak behera zeuzkan Mercedes gotorra ikusi nuen, elektro musika à fond eta barnetik itsas-zakur oihuak ihesi zihoazkiola. Eskua kopetara altxatu nuen eta bat batean isiltasuna itzuli zen Maubec kalearen bakartasuna mendratzera. Sofan etzan eta telefonoak jo zidan. Hatsa hartzeko betarik ere. Nolwenen deia igurikatzen nuen. Eskatu nizkion xehetasunekin. Baina ez zen hura. Zenbakia ezagutu nuen, alaina. -Matilde hemen… Errekontru gaiztoa pairatu duzu beraz Amikuzeko Oihanean. Pozten naiz zure burua segada horretatik salbatu duzulako… -Bai, beldurtu naiz, ikaragarri. Agataren hiltzailea nor den badakit dagoeneko. Hura dela dioena. Hala uste dut bederen. Bere paperak atzeman ditut xendra nagusiaren erdian, eroriak… -Eta nor da? Jakin ba daiteke? -Bernitz Mendiola izeneko trauskila bat. -Bernitz? Bernitz erran duzu? Harrituetan harrituena zirudien. Matildek ez zuen gehiago fitsik erran. Zerbait bitxi gertatzen zen linearen beste puntan. Doinu aldaketa nabari zitzaion bozean. Izua partekatu genuen: nola zekien arazo bat eduki nuela gauean? Solaskidearen ahurretatik entzungailua erortzearen xirri-xarra zalua nabaritu nuen. Kolpeak eta orroak. -Matilde? Matilde? Ongi zaude? Nolwen abisatzekoa nuen, urgentzia absolutuan. HIRU OREN BERANDUAGO, andregaiarekin nintzen, loz hordituriko hiriaren ertzak eta galdeketak eramateko baliatzen zen Baionako komisaldegiko soto hertsiko leihoetako barroteak argitzen zituen egun urrakoan. Nolwen lanean zebilen, serio eta super kontzentratua. Nire deiaren ondotik, poliziek ernai-ahariaz lehertu zuten Matilderen Mauleko pisuko atea eta Bernitz Mendiola izeneko gizon bat atxilotu. Bere aurkako biolentzia zurrunbiloaz estonatua zirudien eta errugabea zela zioen: -Damutuko zaizue. Harremanak dauzkat, nik. Inozentea naiz. -Eraman dezagun. Boutati, emakumeaz arduratu zaitez. Ezer ez ukitu arren… -Inozentea naizela! Inspektore nagusia isilik zetzan. Bernitz Mendiolaren biografia luzea errepasatzen zuen. Alde orotatik errespetagarria zirudien jaun eta enpresari arrakastatsu fatxadaren atzean, harrapari sexual ankerra gordetzen zen, polizia zerbitzuek bulta honetan begian zeukatena beste arrazoien gatik, bereziki diru-zuriketa eta Kaiman uharteetarako kapital ihes sare antolatu burua zela susmatzen zutelako. Maria Luisa egidazu kamamila… Gibeleko sarreratik iritsi nintzen komisaldegira. Lekua, alabaina, debekatua zitzaidan, non ez nentorren kereila jartzera edo nerau atxilo izanez. Nire burua ahanzten saiatzen nintzen eta ingurunean urtzen. Den mendreneko xehetasunak oroitzen nituen eta ez nuen inorekin hitz mikorik trukatzen. Pasatzen zenean, Nolwenek kidetasun keinuak bidaltzen zizkidan. Maite nuen klandestino izaera hau: azpi-lanetan higatzea zegokidan txiki-txikitik eta beharrak betetzen nituen, kantitu gabe, ordena kontraesankor eta askotan apalesgarriek zoratua. Hargatik, Dédé eta Karimekin zinpurtzen nintzenean, halako berdintasun proletarioaz gozatzen nintzela iruditzen zitzaidan, jakin arren argiki egoerak ez zirela iraunkorrak. Nolwen Kergeleni lotzen ninduen harreman sinets ezina bezala. Ispilu itsuaren ezkutuan, isilik, Bernitz Mendiola, abokatuaren aiduru zegoen. Poliziak zituen inguruan, setiatzen. Nolwenek, parean, zaintsu, txosten mardula zeukan eskuetan. Gaizkileak eragin desmasien neurriaz galdezka nenbilen bi polizia hurbildu zitzaizkidanean: -Zer ari zara zu hemen? -Komisario buruarekin etorri naiz. Bere baimenez nago gela honetan. Lekuko bat naiz. Super ezinbestekoa. -Betikoa… istorioak asmatzen zabiltzate eta egiak bailiran hizkatzen dizkiguzue. Mitomano hutsak. Nortasun agiria? Sakelak miazkatu nituen. Paperrik gabe nenbilen. Bietatik batek besotik hartu eta polizia-etxeko espaloira aurtiki ninduen. Zakarrontziaren aldamenean aurkitu nintzen. Ez nintzen Bernitz Mendiolaren kofesioaren jakile izango. Zorigaitzez. BAIONAN EURIA zen. Ez nuen xendran aurkituriko lehen ostatuan aterpetzeaz beste aterabiderik. Kafe beltz-beltza manatu eta lurrinez estali leihoaren ondoko mahaira zuzendu nintzen egunkaria eskuan. Aferaren norakoak eskaini zizkidan Nolwenek lanetik landa. Azken hitza ezagutzea berantetsia zitzaidan. Sud-Ouest irakurtzeari ekin nion, ahapez, leitzen ikasten ari ziren umeen moduan, eleen azpian behatza lerratu araziz: Sarrikota Peko Mendixkaren estrenan zeuden berrogeita hamar Oragarreko herritar notre campagne n’est pas une poubelle edo non à la décharge d’Orègue lemak eskuz egin banderoletan plazaratuz. Erreportajean Bil Ta Garbiko zuzendariaren agerpenak zetozen gero: Orègue n’est pas une solution technique et environnementale satisfaisante et aucun des sites étudiés n’a été retenu. Kazeta arakatzean, ziurrenik, Hazketa 2010 elkartekoek ulertuko zuten, lerro artean, Hazketaren erabiltze epea luzatuko zela, 2015eko maiatzaren 29atik hara, hogei urte gehiagoz menturaz. 2036 proposatzen zen jadanik. Bil Ta Garbi sindikatua eta prefeta bat etorri ziren zaborren arazoak hemen eta gaur berean tratatua eta konpondua behar zuela azpimarratzeko. Aho batez halaber, beldurren instrumentalizazioa salatzen zuten. Estatuaren ordezkaria urrunago ausartu zen: on ne peut être dans une forme d’opposition sytématique spécialement sur la question des dêchets… gehituz oldean: les intérêts particuliers et les égoismes locaux ne sont pas entendables. Aise mintzo zen prefeta: zergatik ez zuen onartzen Auhuñamendi departamendu osoko zikinak Paueko prefeturako baratzean lurperatzea, tokia bazen ausarki, eta nehor ez zen pleinituko. Kafe ttilika bat irentsi eta algara zozo batez askatu nintzen. San Izpiritu zubia lainotan zegoen. Kotxe gutxi, oraindik. Lau ubarroiek zeru esnetsua urratu zuten. Etxeko atean aurkitzean, norbait aurreratu zitzaidala susmatu nuen eta espero nuen barnean zegoena Nolwen izatea. Hala zen, Jainkoari eskerrak. Jario beltzez ketan ekarri zidan kikara baztertu nuen arren, ezpainetan pausatu zidan musua onartu nion: -Orduan? -Bernitz Mendiolak Agataren hilketa eta zatiketa aitortu zuen. Abokatua etorri zen azkenean. Ondo-eza nabari nuen nigan deskarga ezberdinetan barreiatu gorpu zatiak aipatzen zituenean. Argitasun kaltekorra pizten zitzaion ninika dilatatuetan. Lankideak lau desagerpen kezkagarriren kasuak aletu zizkion. Mutu geratu da baina beranduago kozinatuko dugu eta uste dut egia okerka aurtikiko digula. Bestela errautsiko dut. Sinetsi iezadazu… Eta zuk, zer? -Zure mutilek komisaldegitik bota ninduten, egunkaria bipildu nuen iragarki sailkatuetaraino eta eratorrian ibili naiz Baionan zehar. Ustel eta odol usainak ahanzten saiatu naiz, urrinak, bapore zizkolatsuak, zakarrak, zikinak, hondarkin ontziak, zabortegi legalak eta ilegalak, lurperatze proiektuak, aurkarien borrokak… azkorria iratzar araztera joateko, 57. salmoa. Nolwen beha zegokidan, zur. 7:24eko abiadura handiko trenaren zurrungak geltokia hantzen zuen. Belarriak luzatu eta solasean jarraitu genuen, amoros: -Bernitz Mendiola Matilderen lo-gelan kateatu genuen. Hurrengo biktima zitekeen. Gizakiak bazekien Agataren desagertzeaz jakitun egin gintuela. Hiltzailearekin oheratzen zen. Matildek ez zuen ezer latzik susmatu. Beldurrik ere ez zion. Amodioa zein den itsua! Pentsa, eransten zigun, elkarrekin bizitzen plantatzekoak ziren. Bernitz, bezero estatututik senarra izatera pasatuko zen, makur erraldoiak Agata lardaskatu baldin ez bazuen. -Mundua zabarra eta ankerra da gutariko hoberenekin. Matilde eta Agatak maitasun zintzoa zuten bilatzen, eta hara, tragediaz bukatzen dela… -Emagalduak ziren…. -… Psikopata baten atzamarretara eroriak, zorigaitzez. Lanbidearen arriskuak nolabait. Zelan dago Matilde? -Joa, erabat. Sendatzeko denbora beharko du. NOLWEN lumatxaren azpian kolokatu zen. loa. Loa, orain loaz beste ezer ez zuen gogoko. Insomnio arinaz sufritzen nuenez, egun osoa bihikatu nuen garbiketa egiten, seinale ona ez zena, zuriketak, errautsak kentzen, azken asteetako periodikoak irensten –Charlie Hebdoko sarraskiaren segidak izparringien orrialdeak kasik izenda ezinezko etsipen letalez itotzen zituzten- eta Goenkale euskal eta euskarazko telesaila harrigarriaren 21. sasoiko astelehen arratseko atala begimentzen, baikorki zoratzen ninduelako: banuen bai zer egin. Nire bihotzeko egunkariak, lehen plaman agertzen zuen sute erraldoi baten argazkia, apokaliptikoa, estreinatu berria zen Mendixka gunean bereber abiatu zena: lurperatze zentroaren laurdena ukitua zen, sei ehun metro karratuko hondarreko hondarkin eremua hautsetan hegaldatzen zela. Hogeita hamabost su-hiltzaile borrokatu ziren istripuzko suaren menperatzeko. Ondoko egunetan lurrez estali beharko ziren plastikozko askatxoak funditu zituzten ur kanoi eta lantza turrustek. Mendixkatik, indartsu, neguko gauetako izotz tematiek zuritu herriak, elgeak eta pentzeak irentsiko zituela zirudien ke beltzezko zutoin bat altxatzen zen. Bil Ta Garbiko arduradunek ziurtatzen zuten gertaerak ez zuela ondorio izpirik edukiko ingurune mailan. Oragarreko berri-emaileak, azkorrian bertan, Bihotza deituriko eskola alternatiboa eta esperimentala aurkezteko bidali zidan e-mezuari bota nion begia. Bartetako egoitza zaharrean irekiko zuten, ondoko larrazkenean, hamasei ikasle bilduko ziren ber, sei eta hamaika urte bitartekoak, esku-zabaltasuna, ardura eta kuriositatea lantzea helburu. Ordainduzko eskola izanen zen alabaina, sare ohietatik kanpokoa. Hirurogeita hamarreko Montessori eta Freinet heziketa ametsak aurrerago eramaten zituzten. Pierre Rabhi kolibria decreixent ezagunaren irakaspen zenbait eta komunikazio ez-biolentoaren teknika pare bat erantsiz. Zikinen adoratzaileen ñapurkerietatik Bartak libre atxikitzeko, lurraldea ber biziaraztekoa zen, odol hotza isuriz hiper-erruralitatearen zainetara, horrela eufemizatzen baitziren jada gure kanpainetako basamortu humanoak: eskola bat sortu, sosa zutenentzat izan arren, oinez ibiltzeko bideak marraztu eta ekintza kultural ezberdinak antolatu. Herritarrak konturatzen hasiak ziren, abandonuz eta utzikeriaz desertatu eremuek, peskiza maltzurrean zeuden zikintegi promotoreak errotik interesatzen zituztela, hor zeudela enboskadan, muturrak nehoiz erakutsi gabe, goaitan, beraien artean murmuzikaz, arrastak karruskatuz : zer zuten bada herri baztertu horietako jende ezdeusek gure proiektuak salatzeko eta hauen kontra asaldatzeko? Aitzina joango gara, gure alde dauden gutxiengoak behar den bezala sariztatuz eta aurkari bilo luze likits horiek bortxaz zapalduz, gure erabaki unilateralak onartu eta amor eman dezaten arte. Telefonoa orroaz: -Maddi naun… ba zirudien irabazi dugula! -Zertaz ari haiz? -Oragarrekoaz. Buztana besapean joan ditun. Etorri bezala. -Hik uste? -Oraingoz bai, bederen… Ospatu beharra zagon, ez? -Nahi dunanean. Nolwenekin jinen naun. Brauki eten zuen hizketaldia. Andregaia ate kantoian, zutik, somatu nuen, biloak harro, begiak loz hordi eta biluz biluzik. Desio zirrizta bat nabaritu nuen bizkar-hezurrean gora sugetzen. Barrez begiratu nion. Orduan nintzen ohartu: haserre gorriz so zegokidan. -Norekin zinen? -Maddirekin… Bernitz Mendiolaren bidean ezarri gintuen adiskidearekin. Gonbidatzen gaitu… -Berarekin zaude ala? -Ez! Zer diozu? -Entzun zaitut, adiskideak baino gehiago zinetela iruditu zait. -Jeloskor zara? Ez duzu zertan, zinez… Hara, Goenkaleko neurri gabeko pertsonaia distiratsuen antzera mintzo nintzela! Baina ez zen arraileriarako tenorea: Nolwenek mindua zirudien. Ahotsa zakar eta harri ozen jaukitzen zitzaion. Egin ez nituen bekatuak egozten zizkidan, zelatatzen ninduen, zertzelada guztiez oroitzen zen, norekin egoten nintzen berandu arte, nork musu eman zidan, edozein gay jaietan nork ninduen trinkoegi tinkatzen… ezer ez zidan barkatzen. Ez nuen beste premiarik. Galerna jabalduko zelakoan, burua apaldu nuen. Baina ez. Alderantziz. Haserreak haserrea hazten zuen, ondo-ezak ondo-eza. Negar gutiziaz nengoen. -Banoa… -Nora zoaz? Zaude hemen… Egia osoa nahi dut! -Zer egia eta zer megia? -Nora zoaz? Nora zoaz? Kirolako zapatak jantzi nituen. Kolore aniztunak. Berehala ongi senditu nintzen. Isilik atera nintzen, atea klaskarazi gabe, neguko arratsaldeko argitasun zoharrean. Lehen urratsetatik beretik, hiru minuturen buruan desagertzen ziren min txikiak salbu, betetasun lasaiak nire gorputza setiatzen zuen: Nolwenek ez zuen jeloskor egoteko arrazoi izpirik. Berarekin nintzen, beretzat, bere baitan, itsuki maitemindua, eta vice-versa. Poternerako bidean, zuhaitz handien azpian, Maddi neukan gogoan, gure hitz ordu misteriotsua, hemen bertan, Nolwen, Matilde eta zatiak osatu bezain laster, Baionako institutu forentseko hiltegian gorpua eskura zatekenean egingo ziren Agataren ehorzketak iragarriz bidali zidan SMSa. Gutxien hori zor nion… Zanpa-zanpa abiatu nintzen eta gelditu Jean Dauger kiroldegiaren kantoian hatsa hartzeko. Irudi batek garunak zeharkatu zizkidan. Ikara batek. Desio batek. Jeloskeriaz sendatzeko balizko erremedio bat. Bikote bateko kide bakoitzari zilegitu libertate bat. Amodioaren eta Lanaren artean, oraino eta beti. Izate galduen amildegietan bilatu. Hilak ohoratu. Bizidunak maitatu. Emil Zatopek handiaren espektroak pasatu ninduen Aturri ertzera jaisten zen Mosoletako pentokan. Barrenaren hondoan haren pazientzia eta haren kemena senditu nuen. Dubcek buru, gertaturiko iraultzaren eta Jan Palachen immolatzearen ondotik, sobietarrek Pragan sartu botereak degradatu zuen Zatopek, gizon funtsean zoriontsua, olinpiar txapelduna: armada txekoslovakiarreko koronela, Jakymoveko uranio meategietan bortxaz lan egitera kondenatu zuten, K. jaunaren karrika kuttunen garbitzaile bilakatu aurretik, derrigorrean beti. Zatopek. Desagertutako geografia. Zatopek. Hondarrak biltzea, gaztigua zen? Mundua, sinetsi ezinezko hondarkin puloa zitekeen, birziklatu ezina? Bere amarekiko zilborra ebaki ez zuen mitomano aho-zabalak martirizatu Agatak, gorputz sozial urrintsua, zatitua, bere hats zizkolatsu iraunkorrari ohitua, zakar mendi horien errealitate ukatua, bere segurtasun eta balore ebazpenetan hormatua, bestela bizi zitekeela asmatzea lortu ez zuena. Arima sutan neukan. Nolwenek utziko ninduen. Nolwen utziko nuen. Before believing… Lasterrez nenbilen. Eta biziko nintzen… Kristina Taubira justizia ministroak zioen eran, kulebrina kilikari zenbait irentsi, zu, ni, haiek, gu maitatuz, bururaino laster eginez, Zatopeken edo Tirunesh Dibabaren hatzetatik. Eta zakar poltsa bat espaloian hedatua… Goenkale saileko azken atala ikustekoa nuen oraindik. Zaborgintza, auzi eta zauri Iratxe Retolaza Amaia Ezpeldoi detektibe ipurterre eta ibiltariak Booktegira egin du jauzi oraingo honetan, berrargitalpen-eran. Hexalogia baten hondar-nobela dugu Ultimes déchets (Maiatz, 2015) [Zaborretan azkenak, Booktegi, 2019]. Itxaro Bordak, orduko hartan ─2015. urtean─, aurreko nobeletako argitalpen-hautuez beste egin zuen: batetik, ez zuen nobela Susa argitaletxean argitaratu, Maiatz argitaletxean baizik; bestetik, argitalpen elebiduna osatu zuen (euskarazko jatorrizkoa eta frantsesezko itzulpena); eta azkenik, izenburua eratzerakoan ere bestelako bide bat jorratu zuen, ordura arteko nobelen izenburuek euskarazko tradiziozko kantu edo lelo bati keinu egiten baitzieten, eta seigarren nobelaren lehen argitalpen hartan frantsesezko Ultimes déchets izendapenaren alde egin zuen. Akaso izenburua eratzeko bide berri honek loturaren bat izan dezake nobelan bertan Amaia Ezpeldoi detektibeak ikergai duen auziaren nolakotasunarekin. Izan ere, lehen bost nobeletan, Joseba Gabilondok adierazi bezala, «detektibeak ikerketa aurrera eraman ahala, kasuek dimentsio nazional bat azaleratzen dute; bilbe nazional zabalago bateko hariak dira. Kasuen konponketak arazo politiko nazional bat deskorapilatzea eskatzen du» (Gabilondo, 2006: 265). Seigarren nobela honetako ikergaiak badu lurraldearekin harremanik, baina, lurraldeari eragiten dioten praktika globalez dihardu batik bat, eta hortaz, dimentsio transnazionala gailentzen da: auzi ekologiko bat du ardatz, zabor-politika globalekin harremanetan garatzen dena. Bestalde, Zaborretan azkenak (Ultimes déchets) izenburuak ere zentzu-geruza zenbait iradokitzen ditu, hiru ardatz hauetan gurutzatzen direnak: hondakinen kudeaketa eta ekologismoa (‘ultimes déchets’ hondakinen kudeaketan errefusa esateko ere erabili ohi da); zabor-bilketa eta gizarte-eredua; zabor-imajinarioak jendetasunarekin uztartzen dituzten diskurtsoak. Hiru geruza horietan katramilaturik dabilkigu Amaia Ezpeldoiren gogoa Zaborretan azkenak nobelako orriotan. Amaia Ezpeldoiren kontzientzia ekologista suspertu zenekoa Hexalogiako nobela guztiek auzi sozial batean sakontzen badute ere, kezka sozial eta politiko askotarikoek zeharkatzen dute Ezpeldoi detektibearen gogoa, une oro. Ekologismoa, beraz, izan da gogoeta-ildo horietariko bat, lehen nobelatik, Ezpeldoiren mundu-ikuskeran etengabeak izan direlako lurrarekiko atxikimendua, paisaiekiko zein naturarekiko sentikortasuna, lekuan lekukoarekiko jaidura… Are gehiago, auzi edo ikergaiek ere jorratu dute kezka ekologikorik. Bakean ützi arte (Susa, 1994) lehen nobelan, esaterako, Zuberoako kolonizazio ekonomikoari kritika egiteko, gas-hodi baten eraikuntza ekartzen du lehen lerrora, eta auzi horren bitartez lurraren txikizioa ere salatzen du detektibe ruralak: «Gazodükaren barnea gorria zen beraz. Odola bezala gorri. Aurkiküntza bitxiak halako destrenpü bat sortü zeikün, eta gorria odolaren ütxürekilan jostez, behin radioan, arratseko berrietan behatü alkarrizketa baten mamiareki jüntatü günüan: üztarrilaren 23 lantzertsü hartako Üthürzehetako gertakariak aipatzen zütüan emazte batek, Xiberoko lürrarekilan egiten ari zirena bortxaketa bati konparatüz. Halaz, zilo eta arroilak oro odolez hantüko ziren epe llabürrean, eta min-sail hortarik gaza ziuntan lerratüko zen» (Borda, 1994: 97). Azpiegituren eraikuntza, bada, lurraren bortxaketaren sinbolotzat irudikatzen du pertsonaia batek. Amorezko pena baño (Susa, 1996) hirugarren nobelan, bestalde, Bardeetako poligono militarraren gatazkara hurbiltzen da Ezpeldoi, eta Tuteran ibiltari dela, zentral nuklearren kontrako mugimendu ekologista dakar gogora, Gladys del Estal gaztean gorpuzturik: «Larri nintzen unean, buruhon brumatsuaren harrotzera izen-deitura saila jin zitzaidan: Gladys del Estal... Gladysen heriotzaz oroitzen nintzen, demagun Donostian noizean behin Gladys Parkea bataiatzen zuten Egia auzo peko baratza publikoaren ertzetik pasatzean, baina ez nekien zuzen zein gertakarirekin uztart antinuklear gazte haren herioa […]. ─ Baiki, baina debaldetan. 1970 urteetan zehar guduka bat moldatu zen; aldi berean Bardeetako Juntako herrietako ordezkariek, ekologistek eta ezker-abertzalegoak eraman zutena eta oraindik daramatena, daramaguna hots! 1978an tirogunearen okupazio sinbolikoa egin zen, eta jendeen segurtasuna gerizatzea eskatuz Tutera, Argedas, Kadreita, Baltierra eta Kaskanteko auzapezek agiri amankomun bat argitaratu zuten, poligonoaren desegitea deiadarkatuz, eremuak berreskuratzeko asmoz. Ondoko urteko ekainaren 3an, basaki zapaldua izan zen manifestazio erraldoian, poligonoaren ezeztatzearen alde eta Bergarako Sotoan eraikitzeko xedea zen zentral nuklearraren aurka, Tuterako karriketan galdu zuen bizia Gladys del Estalek...» (Borda, 1996: 77). Amorezko pena baño (Susa, 1996) nobelan, gainera, azpiegitura horien guztien eraikuntzak proiektu politiko txikitzaile beraren adartzat ditu: «Gure amets-garaietako zelaiak ebatsi zizkiguten, gasodiak, poligono militarrak, zentral nuklearrak, turismo guneak eta meategiak eraikitzearren. Ahalgea sartzen ziguten, ebasketaz ohar ez gintezen, hobendunak haiek zirela oihuka ez genezan. Ase-ezina zen kapitalismoa: ideia bakar eta bakun baten ardatzean biltzen zituen aldekoak bezainbat atzoko kontrakoak; sosa behar zen, hots, guziek gutiziatuko zuten standing baten mantentzeko eta preseski nahikunde hotz horretan oinarritu jendartearen maneiatzeko» (Borda, 1996: 80). Lehen nobeletan, hortaz, kezka ekologistak azpiegitura handien eraikuntzari loturik doaz, gehientsuenetan. Zaborretan azkenak nobela, berriz, auzi ekologiko honek zeharkatzen du alderdik alde: Maddi herrikideak Oragarre jaioterrian zabortegia eraikitzeko egitasmoa abian dela jakinarazten dio Ezpeldoiri, eta laguntza eskatzen dio enpresa kudeatzailearen asmoen berri izateko. Ezinbestean, fikziozko testuinguru horrek Hazparneko hondakindegiaren auzia dakar gogora, 2014. urtean borbor zebilena: orduko hartan Hazketa 2010 elkarteak salatu zuenez, Bil Ta Garbi kudeatzaileek ez zuten asmorik Hazparneko hondakindegia 2015. urtean ixteko, bi hamarkada lehenago adostu bezala. Gertaera erreal hori nobelara bilduta, mugimendu ekologista horren ekarpena balioesteaz gain, fikziozko hari zein gertaeratan pentsamendu ekologistaren inguruko galderak pausatzea dakar. Hartara, auziak Ezpeldoiren kontzientzia ekologista bizkortzen du: besteak beste, nobelan zehar detektibeak bere kontraesanak hauspotzen ditu, pentsamenduaren eta ekintzaren arteko tentsioak irudikatzen ditu (zaborrak pilatzeko ohitura txarrak, azpiegitura urrunekiko axolagabekeria…), eta eguneroko erabaki txikiek ingurumenean duten eraginaz dihardu. Kontraesan horiek aletzearekin batera, zabor-politiken inguruko pentsamenduak harilkatzen ditu han-hemenka: lurralde eta botere aberastuek euren zabor-metak lurralde pobretuetara bideratzeko kateak; zabortegiak bazter-auzo edo bazter-herrietan kokatzeko politikak (batez ere hirigune handietako zaborrak pilatzen dituztenak); birziklatze-politikaren ertzak; eta abar. Zaborretan azkenak nobelan, hortaz, ikuspegi ekologistan sakondu ez ezik, begirada ekologistan ere eraldaketa gertatzen da Ezpeldoiren gogoan. Oraingoan, ikusgarriak diren lurraren triskantzak salatu ordez, ikusezinak diren triskantzak ditu hizpide: hondakinek sorturiko kutsadura ikusezina eta ekosistema baten heriotzaranzko ziklo ikusgaitza, biak ala biak beroketa globalaren eragile, besteak beste. Rob Nixonek (2011) biolentzia motela (‘slow violence’) darabil hondamen ekologiko hauek izendatzeko: izan bada ingurumen-eragin bat, ingurumenaren kontrako biolentzia bat, berehalako ondorio dramatikorik ez badakar ere, epe luzera oso ondorio dramatikoak dakartzana. Biolentzia motel hau ez da ikusgarria, ezin da antzeman epe historiko laburrean, eta horregatik, ekologismoaren erronka nagusietariko bat da egun hondamen horiek ikusgarri egitea, kontzientzia ekologista suspertzeko. Zabor-politikak ere badira hondamen horien adarretariko bat, Ezpeldoik berak dioen moduan, hondakinak ezkutatzeko jarduna nagusitu baita, triskantza ekologiko hori ikusezin bihurtzeko asmoz: «Hondarkinak, edozein izanik, gai batuak zeuden, lurpean gordetzekoak, Bure-ko zikin irratiaktiboak bezala bost ehun metrotan ehortziak, ingurune bukolikoetan urtuak, estalki berdeez ikusi ezinduak, nehork ez zezan kezka zipitzik eduki edertasun paradoxalezko paisaietatik isurtzen zen pozoiaren presentzia etengabearekiko» (Borda, 2019: 71). Amaia Ezpeldoi kale-garbitzaile bihurtu zenekoa Ezpeldoi protagonistaren egunerokoan leku garrantzitsua du zaborrak Boga boga (Susa, 2012) liburutik aurrera. Nobela hartan, detektibe-lanak egiteaz gain, lan-jardun berri bati ekingo dio Ezpeldoik: «Bizitza gainera erabat kanbiatu zitzaidan: betidanik amestu lana erdietsi nuen Baionako Hiri Garbitzaileetan. Halatan Baionako besten bigarren goizean, Karimekin eta Dederekin karrika garbitzen ari nintzela» (Borda, 2012). Lanpostu berriko esperientziek gogoeta-ildo berri bat pizten dute Ezpeldoiren gogoan: zabor-metaketarekiko eta zabor-bilketarekiko kezka. Izan ere, kale-garbitzaile izateak lekuko pribilegiatu egiten du, hiriko kaleetako zabor-ohituren berri emateko: «Lauretarik hamarrak arte lanean ari izan nintzen. Dede pausuko zen. Karimen eta Suleimanen konpainian higatu nituen beraz orduak, karrikaz karrika mondoinatu zakarrak biltzen. Euriteen ondotikako beroengatik urrin tzarra hedatzen zen ezaxolatiek kanpoan abandonatu poltsetarik. Haietarik zenbait zakur gosetiek edo kuriosek irekirik lur hasean husten ziren eta beste batzuek deus ez zeukaten hiritarren bisitak ukaiten zituzten. Beti bazen zerbait errekuperatzeko epea iraungitzear zuen janariaz aparte. Baiona Txikian ez zen zaborren bilketa selektiborik egiten. Halatan, oheko matalazak, arropa hertsiegiak, informatikako materiala, hozkailuak, telebista zaharrak bermatzen ziren are berriagoaren premia zuen kontsumo gizartearen aztarna xifrituak bailiran: erradazu zer aurtikitzen duzun, erranen dizut nor zaren...» (Borda, 2012: 30). Baiona hiriko zabor-bilketara hurbiltzen da Boga boga (Susa, 2012) nobelan, eta ondoren, Ultimes déchets (Maiatz, 2015) / Zaborretan azkenak (Booktegi, 2019) nobelan zabor-meta hori herri bazterretan eta nekazal guneetan ezkutatzeko politikez dihardu. Amaia Ezpeldoik zabortegian gorpu bat aurkitu zuenekoa Zabortegiaren auzia arakatzen ari dela, detektibe ruralak zabortegian emakume baten gorpua topatzen du, hondakinen artean. Gorpua hondakin gisa pilatuta ikusteak, galdera berriak sortzen dizkio detektibeari, ohikoegi bihurtu baita egun zabortegietan gorpuak edo gorpu-zatiak topatzea. Areago, ohikoegi bihurtu da pertsonak hondakin gisa irudikatzea. Jendetasunaren eta gizatasunaren mugez jarduteko ere zaborraren imajinarioa erabili dela salatzen du Ezpeldoik, zaborraren diskurtsoek ez dute ardazten soilik hondakin solidoen eta likidoen auzia: «Sozietate aurreratuetan emigranteekin, eritasunarekin, homosexualekin, zahartzaroarekin, elbarrituekin eta heriotzarekin berdin obratzen zen eta bizidunekin halaber, zaborraren zaku berean sakatu nituen denak: ez aipatu eta ezkutatu, ikus-ezintasunean gatibu, zikintegien antzekoak ziren zaharretxe eta hilerri abandonatu» (Borda, 2019: 71). Modu horretan, ordena ekonomiko-politikoak eraikitako diskurtsoa ikusgarri egin nahi du. Izan ere, gizatasunetik at kokatzen diren gorputzak irudikatzen ditu pentsamendu neoliberalak, hainbat gorputz modu honetara irudikatzen dituelako: erabiltezinak eta erabilgaitzak, ekoizpenaren denboran eta espazioan ezinbesteko ez direnak, hondakin baliogabeak, eta abar. Zaborraren inguruko kontzientzia piztuta, eta zabor-diskurtsoak auzitan jarrita, Amaia Ezpeldoik bazterretan kokaturiko gorputz- eta gorpu-hondakinekiko afektua adieraztea du helburu. «Zaborrarekiko maitasun zirrizta bat jasan nuen» (Borda, 2019: 71). Zabor artean arakatuz, hondakin-metak hauspotuz, Amaia Ezpeldoik hondakin-politikak birpentsatzeko gonbidapena egiten digu. Bide batez, gizatasunaren inguruko diskurtsoak auzitan jartzeko gonbidapena egin ere. Txanpon beraren bi alde. Bibliografia aipatua Borda, Itxaro (1994): Bakean ützi arte, Iruñea: Susa. Borda, Itxaro (1996): Amorezko pena baño, Iruñea: Susa. Borda, Itxaro (2012): Boga boga, Zarautz: Susa. Borda, Itxaro (2019): Zaborretan azkenak, Booktegi. Gabilondo, Joseba (2006): «Itxaro Borda: migrantzia melankolikoa eta ni lesbiar nazional baten idazketa», in Nazioaren hondarrak, Bilbo: EHU, 253-278. Nixon, Rob (2011): Slow Violence and the Environmentalism of the Poor, Cambridge / Massachusetts / London: Harvard University Press.
booktegi.eus http://tartean.com/ HEZURDANTZA Off Nondik dator euskara? Noiz sortu zen? Inork ez daki. Soilik dakigu noizbait, duela hamar edo ehun mila urte, gizaki batzuk Kantauri alde honetara heldu eta betirako geratu zirela. Gizaki horiek beti zeuden borrokan, beti liskarrean. Zergatik? Bata Cro-Magnon zelako…eta bestea Neanderthal. Makil dantza moduko bat entzuten hasten da, eta Patxo eta Mikel Hezur dantza dantzatzen dute. Hasieran dantza fina da, baina aurrera joan ahala, biolentzia gero eta haundiagoa da. Azkenean onetik guztiz irtenda bukatzen dute, arnasestuka. Bukatzean, Patxok eta Mikelek, irriz, atrezoa kentzen duten bitartean. Patxo Tira… hau broma bat izan da. Topikoarekin jolastu dugu: euskalduna liskarzalea omen da, borrokazalea, eta abar, eta abar… Mikel Guk topiko hau apurtu nahi dugu. Egia da hemen gerrak eta konfliktoak egon direla beti. Eta non ez? Patxo Hain zuzen ere, ikuskizun honetan erakutsiko dizuegu konflikto horiek moldatu eta garatu dutela gure hizkuntza heldutasunera heldu arte. Mikel Eta euskararekin batera geu ere. Zeren eta gaur egungo euskaldunak erabat adiskidetsuak gara. Ezta, Patxo? Patxo (Oraindik ere irriz) Bai. Eta hurrengoan, kontuz dantza egiten dugunean. Hanka zapaldu didazu. Mikel Oh!! Benetan? Gaur ere? Berriro?? ? Patxo Ba bai! ! Mikel Eta hala ere ez zara haserretu, adiskidetsua zarelako. Patxo (…) Bai. Bide batez, ezetz jakin zein izan zen euskaraz sortu zen lehen hitza? Mikel Maitasuna? (…) Pinpilinpauxa? (…) Egunsentia? Patxo Mikelen oina zapaltzen du. Mikel Ostia!! ! Patxo Ba bai. Hori izan zen lehenengo hitza. EDAN ETA EPA Patxo badoa jaztera. Patxo Segidan, lehenengo hitz hau nola eta zergatik sortu zen erakutsiko dizuegu. Edan eta Epaz jazten dira. Patxo Hauxe duzue historiako lehenengo bikote euskalduna: Edan eta Epa. Mikel Epa! Taparraboak kendu eta hosto bana erakusten dute, hankatartean. Patxo Sexu grina berehala piztu zen bion artean. Mikel Eta sexu gogo horri esker sortu zen lehenengo hitza. Mikelek bere hostoa erantzi eta airera botatzen du. Mikel Aiba la hostoa. Patxo Aiba la hostoa! ! Patxok Mikelen “biluztasuna” estaltzen du bere pelukarekin. Patxo Hitz horrek bariante asko ezagutu ditu, mendebaldetik… Mikel Hostixe! Patxo …ekialderaino... Mikel Hostüe! Patxo …baina denborarekin erdialdeko bariantea nagusitu da. Mikel Ostia! Patxo Hasieran beste hitzik ez zegoenez, euskaldunak hitz hau denetarako erabiltzen zuen. Lehenengo tximistaren beldurra espresatzeko: Mikel Ostia! ! Patxo Lehenengo ilunabarraren edertasuna: Mikel Ostia! Patxo Lehenengo haserreak: Mikel Ostia! ! Patxo Lehenengo baketzeak: Mikel Ostia… Patxo Edo lehenengo orgasmoa: Mikel Hostia hostia hostia hostia!!!! ! Patxo Ostia hitzetik datoz euskarazko hitz mordoa. Esate baterako, ejerzitoa, ostiak emateko erakundea: Mikel Gudalostia. Patxo Astearen erdiko eguna, hau da, ostiak emateko eguna: Mikel Ostieguna. Patxo Eta ostegunean nahikoa jaso ez baduzu… Mikel Ostirala. Patxo Bidean estrapozu egin eta ostia bat jaso. Mikel Ostiopatu. Patxo Izotzean laban egin eta ostia bat jasotzea. Mikel Izostia. Patxo Ostiak argi eta garbi ematen dituena. Mikel Ostiensible. Patxo Ostiak emateko bizio daukana. Mikel Ostiopata. Patxo Eta ostia bat jasotzeko beldurra. Mikel Angostia. Patxo Milesker, Eva, bukatu dugu zurekin. Emakume bikaina zara. Mikel ¿…? Patxo La ostia zarela. Mikel Ah! Patxo Euskaldunak hitz hau kulturaren mailarik gorenera igo dugu mundura. Zein da bada, gaur egun Europako Kultur Hiriburua? Mikel Donostia. Patxo Ostia hitza la ostia da. Zer egingo genuke euskaldunak hotz hori gabe? Badoaz. Mikelek zerbaitekin egiten du topo. Mikel (Off) Ostia! ! EKAIN ETA ABEL Patxo Horixe bai, ostia erdirik ez. Mikel Nork jarri du kaxa hau hemen?? ? Patxo Ui… Ni izan barkatu. Mikel Lasai, ez da ezer. Patxo Ez zaude haserre nirekin? Mikel Ez! ! Patxo Seguru? Mikel (Oso haserre) Ezetz, ostia! ! Patxo (Publikoari) Adiskidetsuak garelako. Baina ez da beti horrela izan. Hasierak gogorrak izan ziren. Mikel Bai, ze Edan eta Eparen ostean, haien semeak heldu ziren, Bekain eta Ubel! ! Patxo Bi anaia hauek aurrerapauso bat eman zuten euskararen garapenean. Onomatopeiak asmatu zituzten. Mikel Eta onomatopeiekin batera, konflikto linguistikoa. Mikelek hezur batekin Patxoren buruan joko du. Kolpeak soinua (grabatua) aterako du. Patxok eta Mikelek zarata entzun eta hitzez azaltzen saiatuko dira. Bata gaztelaniazko onomatopeiaz eta bestea erderakoaz. Patxo. Katakrof! Mikel Pataplum! ! Patxo Pataplum? Katakrof! Haur musika bat entzuten da. Hemendik aurrera, Patxok eta Mikelek musikaren erritmora kantatu eta dantzatuko dute. Patxo Pataplum. Mikel Katakrof! Biak (estribilloa) Pataplum- Katakrof. Txakur bat entzuten da. Patxo Guau! Mikel Zaunk! Biak Guau-guau, zaunk-zaunk. Pataplum Katakrof. Txori bat entzuten da. Mikel Txio-txio. Patxo Pio-pio. Biak Pio pio-Txio txio. Guau-guau, zaunk-zaunk. Pataplum Katakrof. Kilkerra entzuten da. Patxo Kri-kri. Mikel Kir-kir! Biak Kri-kri, kir-kir. Pio pio-Txio txio. Guau-guau, zaunk-zaunk. Pataplum Katakrof. Behia entzuten da. Mikel Marru-marru Patxo Muu-muuu. Biak (Estribilloa, haserre) Muuu-muuu, marru-marru. Kri-kri, kir-kir. Pio-pio, txio-txio. Guau-guau, zaunk-zaunk. Pataplum Katakrof. Katua entzuten da. Patxo Miau-miau. Mikel Mau-mau… Biak Miau-miau, mau-mau, muuu-muuu, marru-marru. Kri-kri, kir-kir. Pio-pio, txio-txio. Guau-guau, zaunk-zaunk. Pataplum Katakrof. Kukua entzuten da. Patxo Kuku. Mikel Kuku! Patxo Kuku?? Kuku! Mikel Kuku?? Kuku! Hitz berbera esan dutela ohartzen dira. Patxo Kuku! Mikel Kuku! ! Barre egiten dute. Patxo Ja, ja, ja! ! Mikel Kar-kar-kar!! ! Patxo Kar-kar-kar?? Ja, ja, ja! ! Mikel Ja, ja, ja??? Kar-kar-kar! ! Elkarri jotzen diote. Biak Pataplum ta katakrof. SANTIMAMIÑE Patxo Konflikto linguistikoa… Baina ez eraman euskaldunen inpresio negatibo bat, mesedez. Kobazuloetan bizi ziren gizaseme horiek ez zuten egun osoa borrokan ematen. Ez. Nahikoa lan zeukaten eguneroko janaria eskuratzearekin. Mikel honezkero “primitibo-bohemioz” jantzita dago. Bere bisontearekin. Patxok ez du ikusi. Mikel Eta hala ere, kultura eta arterako ere denbora bazuten. Patxo Beno, hor ere eztabaidak daude. Askoren ustez, euskalduna eta kultura kontzeptu kontrajarriak dira. Mikel Hara!! Hori bai deuseztatu beharreko topiko bat!! Herri hau ezin da ulertu euren artistak gabe. Oteizaren Hutsuneak, Txilidaren Orraziak, Mikel Laboaren Lekeitioak… Patxo (Barrez) Bai! Eta Mikel Martinezen sudur pikasianoa! ! Mikel ofenditurik. Mikel Zertara etorri da hori? Patxo Ez dakit. Klasiko bat da, ez? Zure sudurrarekin sartzea… Zer ba? Haserre zaude? Mikel Ba bai. Baina aurre historiako artista bat naizenez, haserrea sublimatzen ari naiz. Patxo Ze ondo! (Publikoari) Dena den, euskaldunak eta kultura… Ikusi bestela, zer gertatu zen Santimamiñen. Hadi egon orduko euskarari. Oraindik onomatopeiaz baliatzen baziren ere, haien espresibitate maila izugarria zen. Patxo sartzen da, arku eta geziaz Bisontea ikusi du. Segituan gezia prestatu eta tiro egitera doa. Patxo Tssst! ! Mikel O? Patxo Ut! ! Mikel Ut? Patxo (Behia seinalatuz) Marru-marru!! (Arkua seinalatuz) Nik zizta-zizta! Danba-danba! ! Mikel Zizta-zizta? Patxo Txist!!! Ez burrundaia, ze marru-marru arrapaladan trakatran-trakatran! ! Mikel Marru-marru ez arrapaladan trakatran-trakatran!! Marru-marru marra-marrazki!! ! Patxo deskonzertaturik, hurbiltzen da, usainduz. Patxo Marru-marru marra-marrazki? Mikel (Baietz) Marra marrazki! Patxo O!! O!! Marru-marru ez txitxi? Mikel (Barrez, ezezkoa) Ez txitxi. Patxo Ez ñam-ñam? Mikel Ez ñam-ñam. Marru-marru ikusi-makusi. Patxo Makusi?? Zu marra-marrazki? Mikel Ni marra-marrazki. Patxo (“Zergatik?”, keinuaz) Mikel Marra-marrazki ikusi-makusi, ta ohhh, dar-dar! Patxo Marra-marrazki ikusi makusi, ta ohhh, dar-dar? Ni ez dar-dar. Ni ñam-ñam. Mikelek zahato bat eskaintzen dio. Mikel Xurrut! Patxok edan egiten du. Mikel Makusi, makusi. Patxo pinturari begira geratzen da. Mikel Ta? Dar-dar? Patxo (Ezezkoa). Mikelek hautsak ematen dizkio. Mikel Snif hauts! Hauts ja, ja! Patxo Kar-kar. Mikel Hauts jua-jua! ! Patxok snifatu egiten du. Mikel Makusi. Ta? Dar-dar? Patxo (Ezezkoa) Mikel Taupa-taupa? Patxo (Ezezkoa) Mikel Kilikili? Zirri-zirri? Patxo (Ezezkoa) Ni ñam-ñam. Patxok hanka bat ateratzen du bere zorrotik eta jaten hasi. Mikel begira, goseak hilda. Patxo Ea… Zu marru-marru marra-marrazki ñam-ñam? Mikel (Barrez) Ez! Nik ez ñan-ñam marru-marru marra-marrazki. Patxo Zuk zer ñam-ñam? Mikel Nik ñam-ñam zuk marru-marru zizta-zizta danba-danba. Patxo Ni marru-marru zizta-zizta jata-jata danba-danba, ta zu ñam-ñam?? ? Mikel Aha… Patxo Ozea… Ni arrapaladan, trakatan-trakatan, txipli-txaplaka, zirin -aran, taupa-taupa, marru-marru, danba-danba eta ñam-ñam, ta zu apatx, tralarin-tralaran, uju-ujuka, jijiji-jajaja, marra-marrazki!!!?? ? Mikel deskonzertaturik, argudiorik gabe. Mikel Marra-marrazakilari. Patxo Marra-marrazakilari?? Zu glu-glu, gzanga-dzanga, dringili-drangala! ! Mikel (Deskonzertaturik) Oh… Patxo (Mesprezuz) Marra marrazkilari…! ! Badoa. Mikel bakarrik geratzen da, pentsakor. Mikelek marrazkia desegin, txapel-a jaurti, arku eta gezia hartu eta Patxoren atzetik doa. Mikel E!! Marra marrazki kaka! Ni ez marrazkilari! Ni ziztaziztalari!! Ni ñam-ñam! ! Badoa Patxoren atzetik. Patxo Eta horixe da ordutik hona gure herrian kulturak okupatu duen estatusa. ERROMATARRAK DATOZ! Patxo Pixkanaka-pixkanaka hizkuntzak aurrera egin zuen. Erromatarren garaian, euskarak ia-ia denetarik zeukan: izenak, aditzak, adjetiboak… Arazoa esaldiaren antolaketa zen. Bakoitzak nahi zuen moduan ordenatzen zituen hitzak, eta jakina, gaizkiulertuak sortzen ziren. Horregatik egin genuen borroka erromatarren kontra. III. mendea Kristo aurretik. Baskoien lurraldearen mugan, gerlari bat goardia egiten. Patxo eta Mikel jantzita daude: Mikelek Asterixen itxura du, Patxok Obelixena. Mikel Ez eskubiderik dago. Ez eskubiderik dago. Tokatzen beti niri zait egitea guardia! Patxo Zertan zabiltza? Mikel Baskoiarena egiten. Patxo Esan nizun gaur nik egingo nuela baskoiarena eta zuk erromatarra. Mikel Bai, esan zenidan, baina zuri hobeto dagokizu erromatarraren papera. Patxo Ez dut erromatarrarena egin nahi. Zuri beti tokatzen zaizkizu pertsonaiarik onenak. Baskoiarrena egin nahi dut. Ondo prestatu dut! ! Mikel Bai, ikusten da (Tripa seinalatuz), baina oraindik pixka bat falta zaizu. Dena den, daramazun martxarekin, aste pare batean “borobila” aterako zaizu papera. Ea, egin erromatarrarena. Patxo Ez! Mikel Ea, zotz egingo dugu. Irabazten badut nik baskoia, galtzen badut, zuk erromatarra. Biak Harri orri ar! ! Patxo Nik artazia ta zuk papera! Irabazi dut! ! Mikel Erromatarrarena egin behar duzu. Patxo (…)! Baina irabazi dut! ! Patxo azkeneko unean moskeatzen da. Patxo Ez dago eskubiderik. Mikel Ez eskubiderik dago! Ez eskubiderik dago! Tokatzen beti niri zait egitea guardia! Tokatzen beti niri zait! Egin atzo nuen, egin herenegun nuen, egin joan den astean nuen. Zergatik? Tontoena artean baskoien akaso naiz? Eh? Tontoena akaso naiz? Gainera, zergatik goardia dugu behar egin? Hemen ez gertatzen da ezer inoiz. Baskoiak bizi bakean gara. Baskoiak ez etsairik daukagu! Puteatzeagatik ni duzue egiten. Puteatzeagatik ni! Ez eskubiderik dago!! Ez eskubiderik dago! ! Joatera doanean, erromaterren tronpetak entzuten dira urrunean. Mikel E?? Zer hori zarata da? Horiek trompetak…. Berriro entzuten dira tronpetak. Mikel Erromatarrak!! Ai maitea amatxo…! Ai maitea amatxo!! Datoz erromatarrak! ! Patxo agertzen da, erromatarrez jantzita, eskenatokiaren eskuinaldean. Patxo Salve! Naiz Marco Annio Valens, interpretea erromatarren. Bakean zuekin nahi egon dugu. Mikelek lantzaren punta erromatarrarengana zuzentzen du, erasokor. Mikel Nahi… nahi zer duzu? Patxo Gatoz egitera gerra ez. Mikel Zatozte egitera gerra, ez?? (Kideei) Egitera datoz gerra! Patxo Ez! Egitera bakea! Mikel Ez egitera bakea? Orduan egitera gerra. (Kideei) Konfirmatuta. Egitera datoz gerra! ! Patxo (Zapi txuria ateraz) Gaitezen lasai!! Gaitezen lasai!! Izateko gatoz asmoz adiskideak, ez etsaiak. Mikel Etsaiak asmoz izateko zatozte, ez adiskideak? Patxo (Deskonzertaturik) E… Mikel (Kideei) Etsaiak asmoz izateko datoz! ! Patxo (Zuzenduz) Ez!! Adiskideak! ! Mikel (Kideei) Ez adiskideak! ! Patxo Ala Jupiter!! Ez ulertzen duzu. Dugu lagunak izan nahi, gerra gabe egin. Mikel (Kideei) Gerra egin nahi dute lagunak izan gabe! ! Patxo Ez!! ! Mikel (Kideei) Lagunak izan gabe ezin dutela gerra egin! ! Patxo Ezetz! ! Mikel (Kideei) Gerra nahi gabe ez dagoela lagun izaterik! ! Patxo Eztez, ala Jupiter! ! Mikel (Kideei) Lagunak direla eta gerra egin nahi dutela! ! Patxo (Desesperatuta) A!!! ! Mikel (Haserre) Orduan zer nahi koño duzu esan? ? Patxo Bada… bada… (Beste albora, bere kideak ikusteke dauden tokirantz) Miles populum romanorum, erasora!!!! Eta a tomar por culum! ! Patxo badoa. Mikel Egitera datoz gerra! Zer nik esaten ba nuen? Mikel badoa. ILUNA ROMANIZATUAK Patxo (off) Mikel, lehen ziria sartu didazu, ez? Mikel (off) Nik? Ez! ! Patxo (off) Dena den, trapu zikinak hobeto etxean garbitzen baditugu, eta ez publikoaren aurrean, ados? Mikel (off) Ondo da, ondo da. Patxo (off) Argi utzi nizun, nik egin nahi nuela baskoiarena! Mikel (off) Bale… Hurrengoan utziko dizut. Dena den, nik askoz hobeto egiten dut. Uf, alde ederra! Patxok gaizki hartzen du azkeneko ziria baina isildu egingo da. Mikel Kontuak kontu, erromatarrak sartu ziren gure lurraldean. Erromanizazioa arlo batzuetan kaltegarria izan zen, baina gauza onak ere ekarri zituen. patxo Bolada batez euskaldunak “eszepzio egoera” batean bizi izan ziren: kuriositate intelektuala zegoen, manera finak, jarrera sexual guztiekiko errespetua… Mikel Eta gure hizkuntza, latinismoz josita, aberastu egin zen. Euskal-erromatarrrez jantziko dira, erromatarren tunika batekin. Patxo (Hasperen) Hona hemen bi erromatar-euskaldun, geometriaz hitz egiten: Zistitix… Mikel …eta Gastritix. Mikel eta Patxoren erdian figura geometriko bat, zilindro bat. Patxo Esan, Cistitis, ze opinio deritzozu figura geometrikus honi? Mikel Ene Gastritis adiskidea, nire opinioz hau ez da esfera bat. Ez dakit, trapezio? Patxo Maprezio ondo, bai. Halabaina esfera baten karakteristikak ditu, ezen arriban eta abajon zirkuloak bait daude. Mikel Efektibamentean. Sin embargoki linea rectoak ere egon badaude, eta cosa conocidoa da esferak ez duela linea rectarik! Patxo Por consiguientez, kubo bat da? Mikel Ez. Ezen kuboak ez bait dauka zirkulorik. Patxo Perplejitatez beterik nago. Radioa konprobatzeko beta izan duzu? Mikel Beta, Alfa eta Gamma. Patxo Ze Beta du? Mikel Beta la porra. Patxo Eta Alfa? Mikel Bider bi, hau da, alfalfa. Patxo Ezen ez trigo. Mikel Ez, ze trigo no metria. Patxo Cono, cono! Paralelepipedo utzi nauzu. Mikel Bai, alajaina, ezen baba jausten zaizu, halako belozitatean non pisuari direktoki proporzionala den eta rozamientoari inbersoki proporzionala. Patxo Bai. Baduzu secante bat? Mikel Ez dut ez secate ez cosecante. Eta beharko, zeren konstipatuta bait nago. Patxo Ez naiz sorprenditzen. Zelako napius!! (Barrez) Kurba parabolikoa! Mikelek haserre begiratzen dio. Patxo Para kurbas, Venusenak. Esan, Cistitis, ze opinio deritsozu Venusen figura geometrikoari? Mikel Senoak, ene Gastritis adiskidea. Senoak eta kosenoak! Patxo Jarraituko dugu temarekin? Mikel Ze tema? Patxo Apotemaren tema. Mikel Ez, ni piramide hemendik. Patxo Kalera? Kontuz, kalea jacta est! Mikel Ez. 3,1416-3,1416 egitera. Patxo 3,1416-3,1416? Mikel Pipi. Zer erremedio! Gorputzaren ehuneko 70a ura da! Mikel txiza egiten hasten da bazter batean. Patxo Eta beste 30a? Mikel Materia solidoa, jakina. Patxo Materia solidoa eta ura gara Cistitis? Besterik ez? Mikel Hala da, Gastritis. Patxok kutxilo bat sartzen dio. Patxo Eta odola zer, Cistitis? Odola zer, listillus? Mikel Baina ze Brutuz zaren, Gastritis. Ze brutus. (“Dramatismoz”) Oh… et tu quoque, brute, fili mi… Oh, tenpora o mores!! Oh, Rosa rosae… ERDI AROA Patxo Baina Erromatar Inperioa jausi egin zen noizbait. Asko kostata! Eta erdi aroan sartzean euskarak beste aurrerapauso bat eman zuen. Mikel Jende askok zalantzan jartzen du hori. Haien ustez ezin daiteke konparatu erromatarren garaiko euskara dotore hori geroko euskara zatarrarekin. Patxo Ba guk konparatuko dugu! Eta publikoak atera dezala bere ondorioa. Entzun dezagun Cistitisen euskara zilindroaren aurrean. Mikel Zilindro hau uretan sumergituz gero esperimentatuko du goranzko inpulso bat ezen ekibalentea baita desplazaturiko masaren bolumenarekiko. Patxo Orain jo dezagun ehun urte aurrera eta entzun dezagun Zistitixen ondorengo baten euskara zilindro beraren aurrean. Patxo harri-jasotzailez jantzi da. Mikel, erdi aroko arropekin agertuko da, baina oraindik ere pelukarekin Patxok zilindroari buelta eman eta 150 kiloko harri zilindrikoa dela ikusten dugu, euskarriak eta guzti. Patxok harria altxatzen hasten da. Mikel (Oihuka) Emaiok ostia!! Altxazak harri alua, ostia kabendio!! Altxazak berriro, ostia, potro erdirik ez duk ala, kabendio!! Beste behin altxazak, kabenlaputadeoros, ala zer haiz hi, marikoia ala?? Eutsi. Ostia, altxazak berriro… Patxo Hara, Erromatarren euskara hori kultoa eta dotorea izango zen, bai. Baina erdi aroan sortu zen guk hainbeste maite dugun euskara: Euskara Jatorra. Mikel Eta ditxosozko zilindroari, ganorazko erabilpen bat aurkitu genion. ORREAGAKO GATAZKA Mikel Gauzak horrela, Erdi Aroko euskarak sekula ezagutu duen mailarik altuena lortu zuen. Garai hartako trobadore euskaldunak munduko onenak ziren. Patxo Hain ziren onak, e, Mikel, ze esate baterako, poemak errezitatzen zituten, hitz guztiak letra berdinarekin hasita. Eta hori erakusteko, segidan, Mikelek, trobadore baskoiak, Orreagako gatazkaren erromantzea errezitatuko du, hitz guztiak a-rekin hasita. Mikelek trobadore jantzia eskaintzen dio Patxori. Mikel Ba ez, Patxok errezitatuko du. Ez duzu ba lehen esan baskoiarena egin nahi zenuela, niri tokatzen zaizkidala beti paperik onenak? Ba egin, bat sor nizun. Patxo Baina osoa? Mikel Bai. Mila aldiz entzun didazu niri. Gogoratzen duzu, ezta? Orreagako gatazka: VIII mendean gertatu zen. Karlomagno, enperadore Frankoa, bere ejerzitoarekin Pirineoak zeharkatzen ari zenean, baskoiak, musulmanen laguntzarekin, mendi puntatik, erretaguardiari eraso zioten harrika. Karlomagno boteretsuaren porrot bakarra izan omen zen. Eta Patxok erromantze osoa errezitatuko du hitz guztiak A-rekin hasita. Erdi aroko musika entzuten da. Patxo Aspaldian, Aezkoako alderdi aldapatsuan, ardiak aharrausika. Alabaina, arbolen artean, Almoravideen aurka altxaturiko armada agertzen ari, aguro, adin askoko armagizon ausart, animoso, armaduraz apaindurikoak. Mikel A-rekin ederki ari zara. Baina zailagoa oraindik. Zuk ahal duzu eta. Orain B-rekin! Patxo Bitartean, bailarako baserritarrak bakean, batere barrundatu barik basoko bidexketan baturiko burdineria burrunbatsua. Baserritarra baketsua beti, baina borrokalaria bere, bilaukeriaz, begiramendu barik borrokatzen baldin badiote. Mikel D! Patxo Ditxa di-da desagertu da denbora dexenterako, doilorrek dardo distiratsuak deskargatu dituztelako dohakabe desarmatuenera. Dolua! Dolorea! Dolumina! Deskiterako deialdi desesperatua!. “Daukaguna defenda dezagun”! Mikel E! Patxo Ez eukien edonolako erronka. Euren etsaia Europako Enperadorea. Ezkerrean Erroldan, ezpata ezagunaren eramalea. Euskaldunak, erromes eskaleak, erdipurdiko erremientekin. Estrategia erabaki eben: erretaguardiaren esperoan ezkutatu enboskada egiteko. Mikel F! Patxo Faenako funtzio faktiko fundamentalak funtsaturik, ferrak funditu fusteko fusilak fabrikatzeko, fortunatuenak fundamentuz fornikatu, fortunagabeek familiakoak formalismoz ferekatu, fite frankoengana. Mikel G! Patxo Gailurrera gindoazen, gaizkileak garaitu guran. Gudaloste galoa genekusan: gudagizon gazte galantak, gihartsuak… “Gu gezirik gabe, gerrara goaz?”, genioen, “Galdurik gaude!! Gogoz gainbehera goazela, gudaburuaren garrasia: “Geldi! !” Gainbegiratu genuen: galoen gudalostaeren gibelari gaizki gordea generitzon. Mikel H! Patxo “Haika, hartu haitzak herkideok, harrikatu!” Harriak hegan, hasi hituen, hemen, hor, han… Horrenbestez hasi huen hiritar harro haien hondamendia. Hemengo honek hanka hautsia; horko horrek histeriak hartuta, hango hark hezurrrak hondaturik. Hekatonbea! Mikel I! Patxo Ibanetako ibar ilunean ikuspegi ikaragarria. Infernua irudi. Iparrekoak, ibilera izuaz, inpotentziaz inora itsuan ihesi. Irabazleek izugarrizko irrintziak iraultza iragartzeko. Mikel J! Patxo Jakaz jantzitako jeneralak, jipoia jasota joan joakuz jaisten, jarraian jaikitako jende jatorrak jazarpena jarraitzen. Mikel K! Patxo Karlomagnoren kapitainak kikilduta, kontrarioen kaskatekoak kaskoen kontra kolpatzean. Karlomagno koitadua kabreatuta, karrasika, kornetari kantua konkretatuz: “Krisatauok, kanpora, korrika, kakapirrika! !” Mikel L! Patxo Lintxamensuaz libratzeko lainopean lasterka Lapurdiko lautadarantz, lantzean latinezko lantu lazgarriak libratuz, lekuko laborarientzat landak libre lagata. Lurpeko leizeetan lotuko lirateke, lasasi-lasai, larritasunaren larritasunaz. Mikel M! Patxo Menditarrak, mahomatar musulman mairuekin, mendia menderatzean, mutu: Militar maltzur miserableak mugatik mudatuta, materiagabetuta! Misterioa! Mirari metafisikoa! Mendebaldeko mandatari mitikoa menderatuta! Mikel N! Patxo Nonbait nazio nagusiko nobleak nomadak Nafarroan. Nekearen nekeaz noraezean, nonahi, nahasmenduan. Negargarri. Mikel Bale!! Nahikoa da. Gehiegi luzatzen ari gara. Zeinen abila zeren ikusi dugu, baina aurrera egin behar dugu, bestela oso… Patxo O! Mikel Jode! Patxo Ohartu ondo, Orreagan organizaturiko oldarketa. Oiloak oilartu ondoren, odolezko ordaina. Oroitu: okupatzekotan, ohea okupatu, osaba. Mikel Bale, Patxo, ez izan plasta… Patxo P! Parisen, palazioko poetak pasadizuaren poema prestatu, patroiaren partaidetza pirrikoa ponpaz puztuz; partisanoen protagonismoa pobretuz. Propaganda politiko penagarria. S! Simetrikoki sorlekukook sarraskiaren sentimendu subjetiboegia, seguraski, sarkina satirizatuz, subiranotasunaren sustraiaren sinboloa sortuz. Susmo sabiniano samarra. T! Tira. Transpiriniarrentzat, turkoek tramaturiko traizioa, trauma trajikoa, ta tragu traketsa. Tokiko tribuarentzat, trukean, taldelanaren tradizioaren tontorra. Mikel Utzi behingoz! Patxo U! Urtez urte urak urtuko urraduraren ubeldura. Udaberriari uda urratsez urrats uztartuko. Urrikalmenduaren unea. Ultramontanismoak uzteko unea. Eta Z! Zenbat zauri, zenbat zartada zerupean! Zera, zetarainoko zerrenda zinez zaila zen. Zauriak zabaltzekotan, zakarrontzira zuzen zuzenean. Zuzentzekotan, zoragarria zitekeen. Zalantzak zalantza, zirikatzaile zitala zikiratuta. Zuek zarete zorroen zaindariak. Zergatik zaudete ziplo zozo? Zuen zorion zaparradaren zain, zuen zerbitzariak. Desagertzen dira biak. Mikel marmarka. ILUNA GERNIKAKO ARBOLA Patxo Zer Mikel? Arazoren bat? Mikel Ez, bat ere ez. Oso ondo aritu zara. Akaso labur xamarra izan da, bestela primeran. Patxo E, Mikel, ez joan hortik, e… Hartu humorez. Mikel Ados! Humorez hartuko dut. Patxo Hori oso inteligentea da zure aldetik! Goazen aurrera, euskararen historiarekin. Ezinezkoa da Euskal Erdi Aroaz hitz egitea Gernikako Arbola aipatu gabe. Mikel (Kantatuz, txantxetan) “Gernikako Arbola” Patxo Gernikako arbola… Mikel (Kantatuz, adarra jotzeko asmoz) “Gernikako Arbola” Patxo Gure instituziorik begetarianoena da. Mikel Zein? Patxo Gernikako ar… Mikel (Kantatuz) “Gernikako Arbola…” Patxo Beno, nahikoa da! ! Mikel Zer? Patxo Utziozu ba hori egiteari! Mikel Zer? Patxo Jode, Gernikako arbola esaten dudan bakoi… Mikel (Kantatuz) “Gernikako Arbola…” Patxo Jode…! ! Mikel Ah, hori! Molestatzen zaitu? Patxo Bai! ! Mikel Ba hartu humorez. Patxo Eta zer moduz ez baduzu berriro kantatzen? ? Mikel Ados. Tolerantea naiz. Ez dut berriro kantatuko. Patxo (Publikoari) Gernikako arbolaren azpian… Mikelek melodia tarareatzen du hortz artean. Patxo …erabaki garrantzitsuak hartzen ziren. Baina jende gutxik daki, toki berean euskarak beste aurrerapauso ikaragarria eman zuela. Patxo Bizkaiko Jaun-az jantzi da, Lopez de Haro bat. Patxo taulada moduko batera igoko da. Mikel publikoaren artean dago. Ez du pankarta ikusi oraindik. Mikel (Publikoari) Nire senarro da. Bizkaiko Jauno. Don Diego López de Haro. Guapo ezta? (Patxori) Diego!! Diego! ! Patxo Nor…? (Abotsa nondik datorren ikusten duenean) Ah, maitea, etorri zara? Mikel Lepoa! Patxo Zer? Mikel Lepoa, laztano, zuzendu ezazu, oker daramazu eta. Patxo (Lotsatuta konpontzen du) Ah… Eskerrik asko, maitea. Mikel (Publikoari) Jatorro da, oso jatorro, baina arroparako desastre hutso da. Eta mantxak…! Ez dago banketerik, lanparoi batekin bukatzen ez duenik…! Patxok hasperen egiten du. Mikel Bai, laztano? Patxo Gernikako Arbolaren… Mikelek kanta tarareatzen du. Patxo …azpian gaude, maitea, eta ez etxeko sutondoan. Mikel Eta? Patxo (Paperak erakutsiz) Utziko didazu? Mikel Oh, bai, laztano, barkatu. Patxo Ez da ezer, Maitea. (Papera irakurriz) “Bizkaitarrok!! Gaztelako erregeak zergak igo nahi ditu, eta gu preokupatuto gaude. Preokupatuto eta kezkatuto. Une honetan denok egon behar gara batuto… Mikelek eskua altxatuko du. Mikel Barkatu laztano. Patxo Bai, maitea? Mikel Herri honetan emakumeak ere badaude! Patxo Badakit, Maitea. Hain zuzen ere ni zurekin ezkonduto nago. Eta hori ezin daiteke ahaztu. Mikel Eta orduan zergatik baztertzen gaituzu? Patxo Noiz baztertu zaitut nik, maitea? Mikel Orain. Gizonezkoei bakarrik hitz egiten diezu. Bizkaitarrok, preokupatuto, kezkatuto… Emakumeak ere preokupatuta eta kezkatuta gaude! Patxo Badakit, maitea. Eta orain barkaidazu. (Berriro irakurtzera doa) “Ez bagaude denok batuto…” Mikelek berriro eskua altxatauko du. Mikel Barkatu, laztano. Patxo Bai maitea? Mikel Mesede bat eskatu nahi dizut: sartu emakumeak ere zure diskurtsoan. Patxo Baina maitea, nola nahi duzu ba esatea: “Bizkaitarrok eta Bizkaitarrak, preokupatuto eta preokupatuta gaude, kezkatuto eta kezkatuta. Denok eta denak batuto eta batuta…”? Mikel Ez, jakina. Hori gogaikarria da. Patxo Ba horrexegatik, maitea. Maskulinoa erabiltzen dugunean, modu generikoan, gizon eta emakumeei buruz hitz egiten ari gara, inor ere baztertu gabe. Ulertzen? Konbentzio linguistiko bat besterik ez da. Eta orain, zure baimenarekin, jarraituko dut, oso atzeratuto nabil. (Papera irakurriz) “Bizkaitarrok…” Mikel Barkatu, laztano. Patxo Bai, maitea? Mikel Eta zergatik ez duzu alderantziz egiten? Patxo Barkatu? Mikel Zergatik ez duzu dena femeninoan esaten? Patxo Txantxetan ari zara, ezta? Eta gizonezkook zer? Mikel Femeninoa erabiliz, modu generikoan gizon eta emakumeei buruz hitz egingo genuke, inor baztertu gabe, ez? Konbentzio linguistiko bat. Patxo Maitea… Publikoa gure eztabaidaz nekatuto dago. Mikel Eta nekatuta! Patxo Eta nekatuta, bai. Hara… Gauean hitz egingo duzu horretaz, ados? Mikel Ez, laztano. Orain. Patxo Baina… Mikel Orain! Patxo Ondo da… Kasu egingo dizut, ikusiko duzu zeinen gauza erridikuloa planteiatzen ari zaren. (Papera irakurriz) “Bizkaitarrak! !... Barreak. Patxok femeninoan esaten dituen hitzak enfatizatzen ditu, barrea eragiteko asmoz. Patxo …Gaztelako erregeak zergak igo nahi ditu, eta gu preokupatuta gaude… Barre gehiago. Patxo Preokupatuta eta kezkatuta…! Barre algara. Patxo Une honetan denok egon behar gara batuta… (Musika zuzendariaren keinua egiten du, batuta erabiliz bezala) Batuta! ! Barre algara zaratatsua. Patxo Denak batuta aldarrika dezagun, Gora Herria Astakaltuta!! ! Barreak. Barre algaren gainean Patxo badoa. Mikel, bere tokitik. Mikel Bizkaiko Jaunak ezin zuen imajinatu ere egin handik gutxira emaztearen amets hura egia bihurtuko zenik. Ordutik, euskara munduko hizkuntzarik feministena da… Ah, eta Bizkaiko Jaunak, gau hartan, sofan egin zuen lo. ILUNA OINAZ ETA GANBOA Patxo Erdi aroa bukatzen ari zen, eta berarekin batera, euskararen bilakaera definitiboa. Detaile batzuk baino ez ziren falta. Beste batzuen artean, Ergatiboaren “K” famatu hori. K horren falta izan zen, hain zuzen, gerra banderizoen arrazoia. Oinatin gaude. Oinaztarren gazteluan. Oinazen urtebetetzea da, eta bere adiskide Ganboa konbidatu du. Banketearen mahaian Mikel Ganboa eta Patxo Oinaz adiskideak, kopa bana eskuan. Urtebetetze kanta kantatzen ari dira. Offean gizonezkoen koro bat entzuten da. Gerlari odoltsua da ta Gerlari odoltsua da ta Gerlari odoltsua da taaaaaaaa! ! Beti izanen da. Beti izanen da Beti izanen da. Patxo Eskerrik asko, lagunak. Oso jatorrak zarete. Gustura bazkaldu duzu, ene lagun Ganboa? Mikel Bai, Oinaz, alajaina. Bankete ederra izan da. Gora Oinaz gure adiskidea! ! Patxo Eskerrik asko. Lastima zure anaia Juan hain goiz joan behar izana, ez zegoen gustura? Mikel Bai, Oinaz. Juan primeran egon da. Patxo Juan jan du? Mikel Bai. Juan jana jan du, Jauna! Patxo (Barrez) Juan jana jan du, ala jana jan du Juan? Mikel (Barrez) Ez, Juan jana jan du… Patxo Ala agian nire arreba Juanaz ari zara… (Beste gonbidatuei) Nire arreba Juana goxoa da, baina ez dut uste bere anaia Juan nire arreba Juana jan duenik! Barre egiten dute biak. Patxo (Bat-batean serio, barrea etenik, Mikeli) Ala bai? Mikel (Apur bat kikilduta) Ez, Juan ez du Juana jan. Juan jana jan du. Patxo Eskerrak. Eta ez kezkatu, Ganboa, txantxetan ari nintzen! ! Biok barrez. Patxo (Berriro serio) Dena den, ez dut Juana ikusten. (Mikeli) Non dago Juana, jauna? Mikel Juana jana janda joan da. Patxo Juana janda joan da, ala Juan da Juana jan duena? Mikel Ez, Juan jana janda joan da, Juana jan gabe utzita. Eta Juan joanda, Juana jana jan du, Juana, Jauna. Patxo (Mehatxuskor) Ganboa sartu duzu, Ganboa. Non dago Juana, Jauna??? ? Mikel Ni ez dakit, Jauna. Patxo Juan joanda jan du Juana, ala Juana janda joan da Juan? Mikel Ni ez dakit, Juana, zera Juan, zera Joana, zera Jauna. Patxo Urduri zaude, Ganboa! Mikel Ez. Patxo Orduan esaidazu: nor jan du nor? Juana Juan ala Juan Juana. Ala Juan eta Juana janda joan dira? ? Mikel (Dardarka) Ez Joana, ez Juana, Ez Jauna… Jaun Juan joan da janda, eta gero Juana janda joan da, jauna... Mikeli kopa jausten zaio. Mikel Jo, jausi jat, alajaina, jauna. Patxo Eta zergatik joan da Juan, juakin badaiteke? Ondoezik? Mikel Bai, Jauna. Patxo Eta zer ajea zeukan Juan, Jauna? Mikel Juan… Juaneteak… jauna. Patxo (Barre mehatsukorra) Jua… Jua… Jua… Mikel Ui, ze berandu!!! Joan behar joat! Patxo Joan, joan Juanengana. Mikel badoa. Bidean, geziz josiko dute hil arte. Mikel Oh! ! “Altzak ez du biotzik Ez gaztanberak hezurrik En nian uste aitunen semek Erraiten zuenik gezurrik". ILUNA BERGARAKO BESARKADA Patxo Tira, Mikelen antzezpena ikusita zaila egingo zaizue sinestea, baina Ganboa benetan hil zen. Mikel Nire lana kritikatzen ari zara publikoaren aurrean? Patxo Inola ere ez! (Publikoari) Mikel aktore komiko paregabea da. Hain da komikoa ze modu tragiko batez hiltzen denean ere, barregarri geratzen da. Mikel erantzutera doa. Patxo Bestalde, pertsona adiskidetsua eta tolerantea denez, kritikak oso humore onez hartzen ditu. Ezta, Mikel? Mikelek bere erantzuna irensten du. Patxo Eta orain saiatu zaitez moduz hiltzen. Mikel, minduta, berriro hiltzen da. Patxo “¡¡Ganboa Oinaz hil du! !” Oihua bailara osoan sakabanatu zen. Ergatiborik ez zegoenez, inork ez zuen ulertu nork hil zuen nor, Oinazek Ganboa ala Ganboak Oinaz. Badaezpada guztiak hasi ziren mendeku bila. Eta horrela hasi ziren banderizoen gerrak. Mikel Euskaldunak mendeak eta mendeak egon ziren borroka bizian, ergatiborik ez zegoelako. XIX. mendean, Espartinek eta Amorotok hauzia konpondu zuten, Bergarako Besarkadan. Gaztelaniaz, “La Paz del Nor Nori Nork”. Patxo eta Mikel (Espartero eta Maroto) aurrez aurre jartzen dira. Haserre. Patxok domina bat darama uniformeko bandan. Mikelek ere domina jartzen du, berdin egoteko. Patxok orduan beste domina bat jartzen du. Mikelek orduan bi jartzen ditu. Orduan Patxok bandari buelta eman eta dominaz josita agertzen da. Musika hasi eta “Balkoira” igotzen dira. Mikel Herritarrok. Gaurko egunez, eta Erregina Isabel Bigarrenaren mandatuz, erabaki dugu… Patxo …hemendik aurrera, eta herritarren artean bakea ezartzeko, aditz indikatiboen sujetoak, aurrerantzean Nork, “-k” atzizkia eramango duela, konplemento zuzenetik bereizteko. Konplemento zuzenak, berriz, aurrerantzean Nor, ez du atzizkirik izango. Mikel Halaber, konplemento indirektoari, aurrerantzean nori atzizkia jarriko zaio. Patxo Nori erabiltzean “ri” atzizkia jartzen ez duenari 20 zigorkada emango zaizkio. Mikel Nork erabiltzean “k” atzizkia jartzen ez duenaK, hilabeteko kartzela zigorra jasoko du. Patxo Halaber, Nor erabiltzean “-k” edo “-ri” atzizkia jartzen duena, enplumatua izango da plaza publikoan. Mikel Eta orain, bakea sinatzeko, Esparterok Marotori besarkada emango dio. Patxo Halaber, Marotok Esparterori ere besarkada emango dio. Beraz, Biak Besarkada elkarri emango diogu Besarkada. Besarkadan, Mikelek Patxori uniformeko banda osoa, domina eta guzti, lapurtuko dio, Patxo konturatu gabe. Mikel Herritarrok, orain arte, borrokan egon gara, batzuk besteen kontra, zergatik jakin gabe. Patxo Nor-nori-nork legeari esker, borrokan jarraituko dugu, baina jakingo dugu zergatik!! ! Segidan Nor Nori Nork-en ereserkia entzuten da. “Eusko Gudari”-aren melodiaz. Esparterok eta Marotok, txanoak kenduta, ereserkia kantatzen dute. Patxo eta Mikel Nor nori nork behar dugu Elkar ulertzeeeeko “-k” ipini sujetoan Ondo bereizteko. Komplemento zuzenak Ez dauka atzizkiriiiiiik (irrintzi bat entzuten da) Nori adierazteko jarri bukaeran “-ari” ILUNA GERNIKA Mikel Lehenengo gerra karlistaren ostean, bigarrena eta hirugarrena etorri ziren. Horrekin aski ez eta XX. Mendearen hasieran Gerra Zibila hasi zen. Patxo Euskarari dagokionez, garai hartan, Sabino Aranaren eraginez, fenomeno berria sortu zen, garbizaletasuna. Erderarekin antza zeukaten hitz guztiak gaizki ikusiak zeuden. “Erderakadak” omen ziren. Orduan asmatu ziren gaur egun normaltzat hartzen ditugun hitzak: Lehendakari, Ikurrina, Antzerkia… Beste batzuk arrakasta gutxiago izan zuten: berebila… Mikel Noren bila? Patxo …Autoa; Urrutizkina: telefonoa; Bultzia: trena… Gerra zibilean gaude. 37. urtean. Gernika ondoko kuartel batean. Gudari bat guardia egiten. Mikel guardia egiten ari da. Patxo hurbiltzen zaio. Patxo Guardia egiten? Mikel Erdarakada! Patxo Barkatu, zaintza egiten? Mikel Bai. Patxo Ta? Mikel Nobedaderik ez… Patxo Erdarakada! Mikel Barkatu, berririk ez. Patxo Laguntzea nahi? Mikel Milesker. Lau begik bik baino hobeto ikusten dute. Gernika ondo zainduta egongo da gurekin. Patxo Belar-erregarri-paperean-tolestu bat? Mikel Zer? Patxok zigarroa eskaintzen dio. Mikel Ah! Ziga… Belar-erregarri-paperean tolestu bat! (Hartzen dio) Milesker, gogoa daukat, akeita hartu dut orain dela gutxi! Patxo Akeita? Mikel Kolonbiar hazi errea eta birrindua, uretan egosia. Patxo Ah, kafea! Zera, akeita, bai! Nik, hartzekotan, kitzigarrigabea hartzen dut. Mikel ¿(…)? Patxo Deskafeinatua. Bestela urduri jartzen naiz. Tauro naiz. Mikel Erdarakada! Patxo Egia, barkatu. Zezenaga. Mikel Ni arraineta. Patxo Sendia duzu? Mikel Bai. Bi seme. Bata dardaindariztia. Patxo Hola! Mikel Elektrizista. Patxo Ah… Gure etxean tximistargiztia esaten diogu. Mikel Eta bestea osakina da. Otorrinolaringologo. Patxo Sudurreztarribelarriztia. Non ikasi du? Mikel Beltzerrian. (…) Maketerrian. (…) Espainian! Patxo Ah! Gaixoa! ! Mikel Gaixoa, bai. Isilunea. Patxo Gotzon bat pasatu da. Mikel Igaro. Patxo Barkatu: Igaro bat pasatu da. Gure etxean aingeruari gotzon esaten diogu. Alarma bat entzuten da. Mikel Zuk nola esaten diozu horri? Patxo Gure etxean, “babes-deiadarra”. Mikel Polita. Guk “Arrisku-hotsa”. Patxo Polita ere. Abioi zarata entzuten dute. Zerura begira geratzen dira. Patxo Begira… Abio… Zera… Helizearen bultzadaz baliatzen diren aireko ibilgailuak. Mikel Hegazkinak. Patxo Ah, jode, egia. Bonba hotsak entzuten dira. Patxo Zer arraro. Zeruan hodeirik ez eta trumoiak entzuten dira. Mikel Ez dira trumoiak… Patxo Barkatu. Zeruburrundotsak. Mikel Ez. Patxo Hodeiburrunbak. Mikel Ez. Patxo Tximist-zaratak. Mikel Ez. Hegazkin jaurtigailuak! ! Patxo Hegazki zer? Mikel Bonbak!! ! Patxo Erdarakada! ! Bonba batek lehertzen ditu. ILUNA BURDINEZKO GERRIKOA Patxo Frankoren armadak, Alemaniar hegazkinen laguntzarekin, laster hartu zuen mendean Euskal Herri osoa. Osoa? Ez! Bilbao inguruan defentsa sendoa ezarria zegoen, “Burdinezko Gerrikoa” izenaz ezaguna. Mikel sartzen da, gudariz jantzita, militar kasko bat eta mauser batekin, oraindik neskaren peluka daramala. Patxo Mikel, zertan ari zara? Mikel Gudariarena. Patxo Peluka batekin? ? Mikel Gudari emakumezkoa naiz. Nekatuta nago eszena hau beti berdin egiteaz. Bide berriak esperimentatu nahi ditut. Patxo Baina gerra zibilean ez zen egon emakume gudaririk! Mikel Badakizu zer gertatzen zaizun zuri?? Inbidia didazula. Patxo Inbidia? Nik?? Zergatik? Mikel Aktore kamaleonikoa naizelako. Zu, berriz, Patxo zara denbora guztian. Patxo Badakizu zer gertatzen zaizun zuri, “aktore kamaleoniko horri”?? Duintasunik ez duzula! Mikel Duintasuna?? ? Patxo Bai! Duintasun minimo bat bazenu ez zinateke irtengo eskenatokira piura horrekin!!! Ni enkasilatuta egongo naiz, baina gutxienez saiatzen naiz erridilukoa ez egiten. Mikel Ba orduan igo brageta, koño! Patxok brageta jaitsita duela konturatzen da. Mikel “Aktore duin hori”! ! Patxok brageta igotzen du, lotsaturik. Patxo (Publikoari) Burdinezko Gerrikoa menderaezina omen zen. Zergatik erori zen, orduan? Hara: euskararengatik. Artxandako postua defendatzen ari zen gudari horrek gaztelaniaz hitz egin izan balu… Patxok militar kaskoa jantzi eta irratiz hitz egiten du. Patxo Atención, Alfa 1 llamando a Mochuelo 2… Mikel Mochuela. Patxo (Hasperen) Alfa uno llamando a Mochuela 2, Alfa 1 llamando a Mochuela 2. Está a punto de pegarte un tiro… Mikel alerta, mauser-a eskuan duela. Patxo …un francotirador franquista que se encuentra enfrente de ti, a las dos… Mikelel lokalizatu egiten du. Mikel Localizado! ! Patxo …debajo de una encina y oculto bajo una manta de camuflaje… Mikelek tiro egiten dio. Patxo …provisto de un… Mikel Tranquilo, camarada, asunto resuelto. Patxo …un fusil mauser, modelo 1893, de 7mm de calibre y provisto de mirilla telescópica. Buen trabajo, camarada. Eres un lince… Una lince.” (Publikoari) Baina gudari hori euskalduna zen, eta badakizue ze gertatzen den: inportanteena beti esaldiaren bukaeran esaten dugu, euskal sintaxia! Hara zer gertatu zen. Patxok irratia hartzen du. Patxo Adi, hemen Alfa 1 Mozolo… Mozolo Emea 2ri deika, Alfa 1 Mozolo Emea 2ri deika. Entzun: Artea baten azpian eta kamuflaietarako manta batez estalirik… Mikel lasai, eserita oraindik. Mikel Bai… Patxo …7mm kalibredun eta mirila teleskopikoaz hornituriko Mauser bat duela… Mikel Aha… Patxo Zure aurrean, ordu bietara… Mikel Bai… Patxo Soldadu frankotiradore bat duzu… Mikel izututa altxatzen da. Mikel Ostia, ¿non? Mikel bila hasten da, baina fusila hartzen duenerako, tiroa jaso eta lurrera doa. Patxo …zuri tiroa egiteko prest.” Mikel (Dramatismo haundiz) Eskribitzen badaustazu Badakizu non nagoan Infernu labanagoan Deabruaren ondoan Patxo Ole ole eta ole! ! Mikel Bale, agian pasatu egin naiz, baina katxondeorik ez, mesedez. Patxo Ze katxondeo! Txundituta utzi nauzu. Mikel Benetan? Patxo Ileak eskarpaik bezela ditut! Oker nengoen, Mikel. Pelukarena oso arriskutsua zen, baina kriston duintasuna eman dio heriotzari. Beste dimentsio bat. Mikel Beno, ni dena ematen saiatu naiz. Eta lehen ez dizut esan, baina Orreagakoa primeran egin duzu. Patxo Ba… Goazen aurrera. Badaukazu beste peluka bat? Mikel Baten bat bai, baina ez dut enkasilatu nahi. Patxo Ez! Niretzako! Mikel Zuretzako? Patxo Bai, arrazoi zenuen. Arristatu beharra dago. Erridikuoa egiteko beldurrak uxatu! Mikel Oso ondo, Patxo. Tori. Eta zorte on! Patxok peluka jazten du. FRANKISMOAN Patxo Gerraren ostean Frankismoa etorri zen. Garai oso gogorrak, dudarik gabe. Baina gauzak zer diren, bolada luze hartan, etsaia kanpoan zegoenez, ez genuen gure artean borrokan egin. Mikel Zelan borrokan egin, ez bagenion ondo ulertzen elkarri. Batua asmatu gabe zegoen oraindik, eta bizkaitarrak ez zion lapurtarrari ulertzen, ez zuberotarrak nafarrari ere. 70. hamarkadan gaude, Aberri Egunean. Patxok emakume-rola konposatu nahi du, baina ez zaio irteten. Mikel Patxo, zure hauzokoa, zure azpian bizi dena. Patxo Mariasun! ! Patxok erremango haundiko emakume baten rola jokatzen du. Patxo Firmiak estatutoaren alde! Mikel, neska jantzita hurbiltzen zaio. Mendigoizale bat darama. Patxo Aupa gizona! Hartu horrixa eta leitu. Ados basaoz, firmeu. Orria ematen dio. Patxo Zelan ikutezu? Mikel (Iparraldeko doinuaz) Ze lan? Orain ez nihaurk lanean, orain opoggetan nihaurk, bakantzatan. Patxo Bakantza… Guk behia esaten dautsagu, behia! Mikel Bai, ni ere behira nihaurk, ikuspegi zoragarria, xarmangarria! Patxo Saman garria? Garria ez dago saman, gizona. Garria garrian dago eta sama saman. Mikel Xaman? Xaman zira? Hetxizeroa? Hartzen düzüa peyote? Patxo Pello? Pello nire gixona da, arrantzalia. Orain tenporadan dao. Ni Juana naz, han andria. Beno, zer, firmaukozu estatutuaren alde? Mikel Oh! Estatutua! Begira, ni Iparraldekoa niz eta estatutoan bazter utzi gaituzue, beraz, estatuto hau errefuxatu, arbuiatu eta deitoratzen dut. Patxo Esaizu baietz gizona, ze ondo eiten dozun berbie!! Gora estatutoa! Orduan kontatu ahal dogu zugaz? Mikel Ni gaz? Ze gaz? (…) Oh… Itxoin. (Txiskero bat atera eta pizten du) Patxo Ez, ez dot fumetan. Itxi dotsat. Hau hartuten nago monua kenduteko. Patxok juanolak ateratzen ditu. Mikel Oh… Mesedez, bat emanen? Patxo Ez, “emanem” ez, Juanola. Mikel Ah… hola. Juan, hola. Patxo Ez, Juana. Hara bestia, Juan ez dit ba deitu! ! Mikel Baina zergatila ez deraustazu bat ematen? Franko düzü. Patxo Franko hilzorian dao. Laster kaput, gizona! Mikel Oh! Gizona kapüt? Alargüntüa zira? Patxo Ze tia? Nire tia ez da etorri. Mikel Ez da jin? Patxo Ez Yin eta ez Yan. Mikel Yan? Patxo Ondiño ez. Baina ez da ideia txarra. Gosiak amorratuta nao. Mikel Amoratuta zira? Ze erromantikua. Bizkaitarra izaiteko, arras gosua zira. Patxo Gosua? Guk gosia esaten dogu. Tripazorria! Mikel Zoria bai, zoriona emaiten du amoratuta egoitea. Patxo Zeu ere gosetute, eh? Goazen jatera. Mikel Zer eggan düzü? Patxo Edan ere, mozkortu arte, gurebozu, ardoa eta patxaran. Mikel Bai, ni patxadan nago, opoggetan. Patxo Ederto entendiduten gara gu biok! Hor taberna bat dao legatsa primeran preparetan dauena. Mikel Oh, ez düzüt konpreni, malerusa ni. Patxo Maleruza, hori da, legatsa, saltsa berdean. Ea, goazen. Mikel besotik hartu eta eraman egiten du. Mikel Oh, baina… Zu nirekila? Patxo (Irribarrez) Zure “kila”… Ai pikaron! (Badoaz) Zelakoak direzen prantses hauek!! Ai hogei urte gitxiago baneu! ! Patxok ipurdiko bat ematen dio. Mikel moskeatu egiten da. Mikel Ontsa da, zurekila joanen niz, baina argi gera dakizula ez dudala fitsik izenpeturen nehon eta nehoiz! Patxo Ze ondo eitten dozun berbie, amante! Baina egixa aitortuko dautsut, ez dotsut piperrik entendidu. Zer ez neuke nik emongo zuri entenditzeagatik! ! Argi zenital bat pizten da. Musika zerutiarra. Offeko abotsa entzuten da. Good-en abotsa da. Off Juana Elantxobekoa, nire artaldeko ardi errukaria!! Zure arrengura entzun dut, eta zurenahia betetzera noa. Elkarri ulertu nahi diozue? Hala bedi! Euskera Batuaz hitz egingo duzue hemendik aurrera. Argia joaten da. Juana O!! Uler diezadakezu? Mikel Uler diezazuket, bai! Juana Oh!! Elkarri uler diezaiokegu! Gora batua! Mikel Gora bai! Akabo betiko ezin ulertuak! Etorkizun zoragarria datorkio Euskal Herriari! Juana Orduan goazen harira. Sina zeniezadake estatutoaren aldeko orritxoa? Zinez eskertuko nizuke! ! Mikel Zer? Estatutoa berriro??? Mesedez, ez zakizkit horrekin berriro etorri! ! Juana Lasai, amante, oihurik ez. Ni borondate onez hurbildu natzaizu. Mikel Ea uler dizadakezun: estatuto honi saldukeria deritsot. Juana Hau lehenengo pausua besterik ez da. Hiru probintziak estatutoa lor bageneza, zuek egunen batean ere sar zintezketen. Mikel Egunen batean? Noiz? Kardanberak loratzen direnean? Juana Aizu, amante, potroak ikutzera etorri bazatzaizkigu, hobe zenukeen zure etxean geratu izan bazina! ! Mikel Ba ideia ona, nire etxera noa. Hor konpon! (Badoa) Posibilista! ! Patxo Erradikala! ! Mikel Erreakzionarioa! Patxo Iraultzailea! ! Mikel Espainolista! ! Patxo Gabatxo! ! Ileordeak kentzen dituzte. Patxo Nola ibili garen beti, e? Beti muturka, betiliskarrean… Mikel Ondo konpontzeko modu bakarra elkarri ez ulertzea izan da. Patxo Galdetuko duzue, hau zer da, patua, madarikazio bat? Mikel Hain zuzen ere, azkeneko eszenan horren zergatia azalduko dugu… Patxo Goazen egitera. Mikel Ah, Patxo, emakumearena bikain egin duzu. Ea, ze paper egin nahi duzu orain? Patxo Caracruzean egingo dugu? Mikelek txanpon bat ateratzen du. Mikel Kara edo kruz? Patxo Kara. Txanpona botatzen du. Mikel Zuk Ongia eta nik Gaizkia. Biak pozten dira. Patxo Jaun andreak, segidan azkeneko eszena, non azaltzen dugun nondik datorren euskaldunen liskarrerako joera hau. Baina horretarako, berriz ere denboran atzera egin behar dugu, mundua sortzen ari zen egunetara. Garai mitologikoetara. GAIZKI ETA GOOD Off Hasiera batean Ongia eta Gaizkia ziren. Indar kontrajarriak, Yin eta Yan. Gaizkia iluna zen, erretxina, eta hizkuntza arraro batez egiten zuen. Mikel agertzen da, laneko arroparekin. Mapaz beteta doa. Mikel Eulixa najak eta drogak nahi ditut zeruan! Off Ongia berriz, baikorra, alaia, ona eta anglosajoia zen. Patxo (off) Love me tender, love me true… Off Ongia munduaren sortzailea izan zen. Hobeto esanda, berak izango zuen mundua egitearen ospea, baina egin egin, Gaizki egiten ari zen dena. Ez da harritzekoa , beraz, erreta egotea. Sei egunez lanean jotako aritu ondoren, obra entregatzeko ordua iritsi da. Minutu bat falta da Big Bang-erako. Patxo agertzen da Ongiz jantzita. Txanpain botila eta kopa bat dakar.. Patxo Gaizki, what are you doing? The Big bang is coming! Mikel Ja?? Baina oraindik ez dut bukatu! ! Patxo How are the animals? Mikel Jaguar? Ez, jaguarra ez dut egin. Oraintxe elefantea bukatu dut. Patxo Elefant? Mikel Elegante, bai. Handi handia. Patxo Chicken? Mikel Ezetz! Kriston handia! ! Patxo Tiger? Mikel Ta iger ere bai, oso ondo daki. Patxo Eagle? Mikel Igela polita. Txikia, eta kroa-kroa esaten daki. Patxo Iguana? Mikel Ni wuana? Ez. Hi wuana. El puto amo. Patxo And the people. The human body is OK? Mikel Gizakia? Ia-ia. Hankak falta zaizkit. Zenbat jarriko diegu? Nik lau hankarekin egitea pentsatu dut. Patxo That is te question. To be or not to be. Mikel Bi? Ok, zu zara jefea, gero ez niri esan… Patxo The countries and the cities? Mikel Ondo. Oraintxe bertan bukatu dut India. Triangelu baten forma eman diot. Zergatik? Potroetan jarri zaidalako, eta a tomar por culo! Patxo India? Mikel Ein diagu, bai! Patxo Zelanda? Mikel Zelan da? Ba… haundia, indioz beteta. Eta janaria oso pikantea jaten dute. Patxo Chile? Mikel Bai, txile, edo tabasco, ez dakit. Patxo Holanda? Mikel Holan da bai, gustatzen bazaizu arre eta bestela, almorranak aguantau. Patxo Tokio? Mikel Tira, zikinkeria ez bazaizu inporta. Ibaiak oso zikinak dira. Patxo Dakar? Mikel Zikinkeria, zikinkeria dakar ibaiak. Baina utzi behingoz India pakean, ez? Patxo Damasko? Mikel Bai. Dama asko, gehienak bekokian puntu gorri bat jarri diet. Patxo Burundi? Mikel Ez, buru normala, ez haundi ez txiki. Patxo Berna? Mikel Berna bi. Baina ez dira ikusten, praka oso xelebreak jarri dizkiet, kaka eginda daudela dirudi. Patxo Bermudas? Mikel Antzekoak. Patxo Praga? Mikel Bai, braga bezalakoak baina luzeagok. Eta utzi bakean jada India behingoz, badaude beste tokiak, jode! Patxo London? Mikel Jode! Lo ondo egingo dute, nik zer dakit ba?? Ze plasta, Indiarekin! Dozenaka toki gehiago egin ditut. Patxo Jamaika. Mikel Hamaika baino gehiago. Gelditu ere ez naiz egin, eta bitartean, zu potrojorrean. Patxo Tailand? Mikel Horixe, ta ni lan da lan. Deskantsatu nahi dut, jode! ! Patxo Quito? Mikel Horixe, kito behingoz! Patxo Gabon? Mikel Gabon? Lotara zoaz? Eta inaugurazioa? ? Offean musika entzuten da, tronpeta zerutiarrak. Patxo The inauguration is coming! Harry up!! Clean everything. Good igotzen da taulara. Obazio bat entzuten da. Gaizki ere igotzen da. Patxo Gaizki, what are you doing here? Mikel Nik egin dut mundua… Patxo Gaizki, please, go out. Mikel Baina nire eskuekin… Patxo “Me, for me, whith me, to me…” Always me and me!! Humility and modesty, Gaizki. This is my moment. And prepare the chanpan! ! Off-eko abots bat entzuten da. Off Females and Males, animals and people, may I present to the creator of the Universe! ! Offeko abotsak atzerako kontaketa egiten du, hamarretik zerora. Gaizki badoa, guztiz erreta. Patxok hitz egite duen bitartean, Mikelek pozoia botatzen dio txanpainari. Eztanda bat entzuten da. Patxok kopa edaten du. Patxo Ohhhh!!! Wonderfull!! Gaizki, come here! I feel you are not happy! Mikel Nola egongo naiz pozik, ba?? Dena kendu didazu eta! ! Patxo I have a sorpres for you. Look: the world is OK, the animals are OK, but the people. Mikel Zer gertatzen zaio jendeari? Patxo They dont speak. Mikel Eta nola hitz egingo dute, ba, ez badute hizkuntzarik? ? Patxo That is the question! They need a languaje. Now… Which languaje? Mikel Ze hizkuntza? Berorrena, ezta? Jakina. Beti berori, berori eta berori. You are the King. Hi wana. El puto amo. Patxo Oker zaude, Gaizki. Zure hizkuntza izango da. Mikel Zer? Nola…? Baina, Good, nire hizkuntzan egiten ari zara Patxo Ikasi dut, bai. Zuregana hurbildu nahi dut. Nekatuta nago Gaizkia eta Ongiaren rollo horretaz. Denok gara berdinak! Mikel Orduan, munduak nire hizkuntzan egingo du? Oh, zelako ohorea niretzat. Eskerrik asko jauna, orain eta beti. Patxo Gizaki guztiek hizkuntza bakar bat hitz egingo dute, eta denak zorion eta bakean biziko dira! ! Good gaizki sentitzen hasten da. Patxo O! ! Mikel Zer duzu? Patxo Ez dakit. Mina… Eta izerdi hotza… Mikel Ostia! ! Patxo Zer… egin duzu, Gaizki? Mikel Nik ez… Patxo Baina zuk ez al dakizu hilezkorra naizela, gilipollas?? Gauean kriston kakapirria izango dut. Mikel Ez haserretu nirekin, garai berriak dira, dialogoaren garaia. Erruki jauna, bakea beti zurekin, barkatu gure zorrak eta hori guztia. Patxo Baita ostia bat ere! Madarikatua izan zaitez, zu eta zure leinukoak!! Ez da hizkuntza bakar bat egongo, milaka baizik. Eta denetan txikiena, zurea! Entzun euskararen X madarikazioak. Musika hasten da. EUSKARAREN X MADARIKAZIOAK Patxo 1. Zure hasierako bekatu honek sortuko du galzoria Ez da batere samurra izango euskaldunen historia. 2. Neolitikoan hitzik gaberik, biziko dira isilean Keinuren bidez moldako dira ta hala ere osti txarrean. 3. Edan ta Epa agertu eta haiekin sexu gogoa Sexu gatazka sortuko data izango da “la hostoa”. 4 Ekain ta ubelek hasiko dute hizkuntz arteko gatazka Kri-kri kir-kir guau gau zaunk-zaunk jajaja edo kar-kar-kar 5. Erromatarrak helduko dira bakean egon nahiean Gaizki ulertuko dute eta gerran hasi bat-batean. 6. Erdi aroan emakumeak matxismoaz nazkatuta Haiek ere egon nahiko dute kezkatuta ta batuta 7. Oinaz eta Ganboan garaian ergatiborik ez eta Jana janda joan da Juan jauna, Juana jan gabe utzita. 8. Nor nori nork legeari esker bakea behingoz ezarririk Geroztik ere borrokan denak, baina jakinda zergatik. 9. -Gerra zibila galduko dute, Esango dizut zergatik: -Zeren euskaraz inporteena doa guztiaren atzetik 10. Franko garaian baturik gabe euskara a ze nahaspila! Legatsa saltsan edo malerusa, zurekin edo zure kila. Hamar madarikazioak, bakar batean laburbiltzen dira: Elkarren kontra egongo zarete per sekula sekulorum Euskararen patua beraz, horra: Lingua Nabajorum Elkarren kontra hasiko dira borrokan. Handik gutxira, banandu, barre egin eta karakterizazioa kenduko dute. Patxo Tira… hau broma bat izan da. Topikoarekin jolastu dugu: euskalduna liskarzalea omen da, borrokazalea, eta abar, eta abar. Mikel Guk topiko hau apurtu nahi izan dugu. Egia da hemen gerrak eta konfliktoak egon direla beti. Eta non ez? Patxo Ikuskizun honetan erakutsi dizuegu nola konflikto horiei esker euskara sortu eta garatu den, bere heldutasunera heldu arte. Mikel Eta geu ere heldutasunera heldu gara, ze gaur egungo euskaldunak adiskidetsuak gara, ezta, Patxo? Patxo Bai. Eta hurrengoan, borrokan egiten dugunean, kontuz ibili, ia ito nauzu. Mikel Benetan? Gaur berriro ere? Patxo Ba bai! Mikel Baina adiskidetsua zarenez, ez zaude haserre nirekin. Patxo Ez. Baina buka dezagun. Jende honek jakin nahi du behingoz zein izango den euskararen etorkizuna. Mikel Kezkatuta zaudete, ez?? Zer gertatuko ote da? Euskara galduko da? Patxo Gure patua da? Maldizio bat da? Mikel Hekatonbea? Apokalipsia? Biek kantatzen dute. Biak Etorkizunak ze ote dakarren esango dugu segidan Ez dago paturik, ez maldiziorik, dena dago gure eskutan Jaun andre onak, hauxe da dena, orain behar dugu amaitu Ongik esanak gogoan hartu eta Gaizkik esanak oroitu. …biok esanak oroitu …eta umore ona zaindu. Oharra: LINGUA NABAJORUM helbide honetan ikusgai dago: https://vimeo.com/111893572
AURKIBIDEA HITZAURREA BEGIRALEAK ETA ANTZERKI KAIERAK “AGUR JAUNAK” KANTUAREN NONDIK NORAKOAK PELLO COUDROY, DANTZA, MUSIKA ETA SUKALDARITZA XABI SOUBELETEN. EUSKAL ESPRESIONISMOA URRUÑATIK IRUÑERA KONKISTAREN EGUNEAN IRISARRIKO KABALKADA ETA TOBERA. BERRITZEAREN INDARRA AMAIUR ETA BERZAITZ. AMETSETIK LIBERTATERA. JOSE MENDIAGA PASTORALA URRUÑAKO ETXE IZENEN AZTERKETA ITSASUKO KABALKADATOBERA. IRAUL-STORY KUXKUXTU TXARANGA. EUSKAL BAZTERRAK PIZTEN FRANCISQUE-MICHEL EUSKALARI FRANTSESA ETA EUSKAL ATSOTITZAK BAIONAKO GASKOIAK, DONOSTIA ETA ATTURRI IBAIA BATIXTA BORTHIRI-SALA, LARRAINTAR BAT, PRUSIAN PRESO ZUBEROAKO TXIKITOAK LAPURDIN, NAFARROA BEHEREAN ETA ZUBEROAN GAINDI, EUSKAL INAUTERIARI JARRAIKI. DANIEL URRABIETA. ILUSTRATZAILE HANDIA BAIONAN KORRIKA EUSKARAREN ALDE BETTI BETELU, LAPURDIKO DANTZA-MAISU NEKAEZINA 1828ko XARIBARIA EZPELETAN NAPOLEON, WELLINGTON ETA EUSKALDUNAK PERKAIN PILOTARIA, HISTORIA ETA MITOA ANTTON ETXEBESTE, MIÑABAITAKO AZKEN MUGALARIA RENÉ CASSIN PASTORALA BEGIRALEAK BIRIATUN DANTZARI XANPUN BERTSOLARIAREN GORAZARREZ HATS BERRIA MUTXIKOAREN EGUNARENTZAT EUSKAL HERRIA TXIRTXIKATUA BAINA EZ AHANTZIA “GERNIKATIK ASTELEHENA” DONIBANE LOHIZUNEN LURRARI DEIKA PAUSUKO XAIAN DIDIER LAFITTE 30 URTEREN BURUAN MARTIN GILBEAU.URRUÑAKO EUSKALTZALE HANDIA IPARRA-HEGOA. EUSKAL HERRIA ERAIKIZ NAFARROAREN EGUNA. ASKATASUNAREN AITZINDARI ALIENOR PASTORALA URRUÑAKO KABALKADAZINTZARROTSA GEREZIEN DENBORA PASTORALA HITZAURREA Iparminaizenaz bataiaturiko liburu honetan bizitokitzat dudan Iparraldean euskaldunen eta euskararen inguruan ikusitakoak, ikasitakoak eta bizitutakoak biltzen ahalegindu naiz. Tamalez, badakit Iparraldeko hiru lurraldeetan badirela frantses kulturarekin eta bizimoduarekin loturiko hainbat ekitaldi eta gertakizun, baina horiek ez daude nire agendan, horiek ez baitira nirekin eta nire unibertsoarekin uztartzen. Kolonizatzaileen eta kolonizatuen ekitaldi eta gertakizunak dira, errealitate ofizialaren berri ematen dutenak. Baina ni, euskalduna eta abertzalea izaki, ez naiz horrelakoetan ibiltzen eta ez naiz ibiliko, ez naiz horrelakoetan murgiltzen eta ez murgilduko. Ez dut sinesten unibertso horretaz eta ez sinetsiko. Euskal Herria maite dut, euskaraz egiten duen ama-lurrak hunkitzen nau, askatasun politiko eta kulturala bilatzen duen herriaz sinesten dut, baita munduko kultura eta kosmogonia natural guztiez ere, gizateriaren aberastasun handiak direlakoan bainago; baina kolonizazioa, inposaketa kulturala, mintzaira ordezkapen programatua eta horrelako bilaukeriak ez ditut gogoko. Hori dela eta, Iparraldeari buruz plazaratu ditudan liburuetan –hau barne-, euskal nortasunaren inguruko gaiak mirespenez eta maitasunez jorratu ditut. 2010. urtean, Ipar Haizeak izeneko liburua plazaratu nuenean, Itxaro Bordak, urte bereko maiatzaren 30ean, Berria egunkarian, Bira izeneko txokoan, Iparmin deituriko artikulua idatzi zuen nitaz eta nire liburuaz. Ikus dezagun aipatu artikuluan zer zioen: Han-hemenka aditzen da Iparraldean euskararenak egina duela, salbu errailearen karreraren bermatzekoak alaina. Gaitzitzen gara ez ditugulako egiak maite. Euskadi global distiratsuaren alde ilunean geratuko gara beti, hitzak ahul dabilzkigulakoan, aldizkariek paper hormatuaren ordez fotokopia industriala erabiltzen dutelakoan, musikariek ez dutelakoan diskorik grabatzen eta gais sakonen jorratzeko ustezko diplomak eskas ditugulakoan. Ordea, ez daitezela engaina, ez gara ilusioz asetzen Sokratesen harpeko kideen antzera, kanpoan gaude eta argi urriko xinaurrien moduan gabiltza, aitzina, atzera, aitzina, etengabe. Hiria argitaletxeak plazaratu Joseba Aurkenerenaren Ipar Haizeak kronika bildumak ez du besterik erakusten: bizitza pilpiratsua, adiskidantza keinu ugariak, izateko nahikunde zilarra eta asterik aste garatzen diren kultur gertakariak. Olerki, testu eta eranskin anitz kausitzen da memoriaren harrotzeko. Josebaren perpausak zintzoak dira, ez gaitu jujatzen, ezin baitu Iparraldeko eleen zurrunbiloetan urtzen doan doan arau. Novempopulania -ezezagunerako bidaiari maiteminduaren ikusmolde ukitua dastatu dudala dirudit, erdizka lauetan… Hotel Atalaiako bederatzigarren irakasgaia. Artikulu maitagarri honetatik, eta Itxaro Borda idazle handiaren baimenaz, hartu dut esku artean duzun liburu hau bataiatzeko izenburua: Iparmin, Iparraldean izan ditudan bizipenak laburbiltzeko topatu dudan hitzik zehatzen eta ederrena baita. Iparmin, euskalmin, kulturmin, naturmin, mundumin, zibilizaziomin…, bizimin, bai bizimina, azken finean, horixe baita ene jakin-minaren gibelean gordetzen dena. Mila esker zuri, Itxaro, egunero euskaraz idazten, pentsatzen, bizitzen, izaten… gure herriaren eta gure mintzairaren alde egiten duzun lan izugarri handi eta ederragatik, mila esker euskaldunon unibertsoari egiten diozun ekarpen baliosagatik, eta mila esker anitz Iparmin hitz ederra sortu eta niri gogoeta-gai gisa eskaintzeagatik. Adiskidetasun osoz eskertzen dizut. Euskal unibertsoak ipar, hego, mendebal eta ekialdeko lurretan hazi naro eta oparoa ukan dezan. BEGIRALEAK ETA ANTZERKI KAIERAK Donibane Lohizuneko Begiraleak elkartea 1935. urtean sortu zen. Sortzaileak lau emazte gartsu izan ziren: Madalena Jauregiberri, Elise Aramendi, Madalena Bribet eta Antoinette Lakarra. Haien asmoa Hegoaldeko ”Emakume Abertzale Batza”-ren antzeko mugimendu euskaltzalea sortzea zen, euskara euskal kultura eta fede giristinoa zabaltzeko. Lehen lehendakaria Elise Aramendi izan zen hogeita hamar urte luzez. Hasiera-hasieratik antzerkia izan zen elkartearen zutabeetako bat, antzerkia haien helburuak lantzeko lanabes ezin hobea baitzen. Hastapenetan komedia herrikoiak taularatu zituzten eta horretarako Lapurdin ziren antzerki-idazle onenen lanak eskuratu, jorratu eta jokatu zituzten. 1935eo martxoaren 3an, Begiraleak elkartearen antzerki taldeak Hillau anderearen “Supazter xokoan” jokatu zuen Donibane Lohizuneko Gure Etxea antzokian. Urte bereko ekainaren 2an, idazle beraren “Egiazko eskualdunak” jokatu zuen eta agorrilaren 10ean frantsesez idatziriko “Eskual Herriari / Au Pays Basque” izenekoa. 1936ko martxoaren 28an eta ekainaren 14an Dominique Soubelet kanonigoaren “Xuriketa egile kalakariak” eta Piarres Lafitteren “Amerikanoa” antzeztu zituzten. 1937ko martxoaren 28an eta ekainaren 13an Jean Barbierren “Kauserak eta kruxpetak” komedia eta Piarres Lafitteren “Eskualdunak menderez mende”. 1939ko apirilaren 9an eta maiatzaren 14an Iratzederren “Ithurria” komedia eta Lamarque apezak frantsesez idatziriko eta Piarres Lafittek euskaraturiko “Madalena Larralde” izeneko drama giristinoa. 1941eko ekainaren 1ean Iratzederren “Harrapailu” izeneko antzerki satirikoa eta Ttanpiren “Katixaren besta” taularatu zituzten. Urte bereko abenduaren 25ean Leon leonen “Haurraren azken hitza” izenekoa. 1942ko urtarrilaren 11n, Iratzederren “Eguerri” eta urte bereko maiatzaren 10ean, idazle beraren “Eguerri, artzain ttikiena” izenekoa. 1945eko abenduaren 30ean “Egiazko eskualdunak” obraren errepikapena eman zuten. 1947ko maiatzaren18an Iratzederren eta Gabriel Lertxundiren “Bortutik oihu” izeneko poema lirikoa. 1948ko urtarrilaren 17an Pierre Lotiren “Ramuntxo” eleberrian oinarrituriko antzerkia. 1950eko urtarrilaren 8an. 1950eko urtarrilaren 8an, “Eguerri”-ren errepikapena taularatu zuten. 1951ko maiatzaren 3an eta 6an, J. Otegi ezizenaz sinatzen zuen Jannick Aramendiren “Hautsaren azpian”. 1953ko urtarrilaren 18an Telesforo Monzonen “Harpeko bozkari” eta “Ur garbi” antzezlanak. 1954ko maiatzaren 27an Monzonen “Zurgin zahar” komedia. 1955etik 1958ra idazle beraren “Mendiatrrak” ospetsua eta “Lau kantari eta txori bat”. 1959an “Menditarrak” obraren errepikapena Parisen jokatu zuten. 1945. urtetik aitzina, Begiraleak antzerki taldeak dantza, kantua eta antzerkia nahasten zituen emankizunak prestatu eta taularatu zituen. 1947ko agorrilaren 3an eta 1960ko agorrilaren 10ean “Etxe sartze / Euskal ezteia” izenekoa plazaratu zuten arrakasta handia erdietsiz. 1948ko agorrilaren 28an eta 1953ko uztailaren 26an “Sopiteren itzulera”. 1949ko agorrilaren 14an “Biribil” izenekoa. Emankizun hauek sona handia ukan zuten donibandarren artean, eta haien prestakuntzan Labout, Aita Donostia edo Gabriel Lertxundi bezalako musikari handiak parte hartu zuten. 60-ko hamarkadan Joselu Berasategik Begiraleak elkartearen antzerki taldea birmoldatu eta indartu zuen. Hamarkada hartan bi antzezlan jokatu zituzten: “Bakoitza bere kutxan” eta “Zazpi ixtorio eta kantu bat”. 1995. urtean, elkartearen 60. urteurrena zela eta, Xabier Soubeletek idatziriko “Begiraleak” izeneko antzezlana jokatu zuten. Geroztik Begiraleak elkarteak ez du antzerkirik jokatu. Gaur egun elkarte honek euskal kulturaren aldeko indar handia egiten jarraitzen du. Badu dantza talde indartsua, eta euskal dantzaz gain, kantuaz, gastronomiaz, etnografiaz eta euskaraz aritzen diren sailak ditu. Elkarteak 180 kide inguru ditu eta Donibane Lohizuneko euskal kulturan ezinbesteko erreferentzia da. Arestian aipatu dudan bezala, 1995. urtetik Begiraleak elkarteak ez du antzerkirik jokatu, eta antzerkigintzaren urte oparo haietan erabilitako antzerki kaierak, gehien-gehienak eskuz idatzitakoak, elkarteko armairu batean gordeta gelditu ziren. Antzerki kaiera horietako ainitz elkartearen antzerki taldeak jokatu zituenak baziren ere, baziren bestelako ugari ere. Armairuan ongi atxikirik izan ziren eta elkartekidek armairuan gordetakoaren oroitzapena eta baita kako bera ere galdu zituzten. 2007. urtean elkartearen lehendakari zen Xabier Soubeletek armairuaren sarraila indarrez zabaldu eta kaierak topatu zituen. Elkartearen Etnografia Sailak argitaratzea erabaki zuen eta testuak transkribatu ondoren Hiria argitaletxearen bidez plazaratu zituen. 2009ko martxoan, Begiraleak elkartearen antzerki taldeak jokatutako zortzi antzezlez osatutako “Iratzederren antzerki kaierak”izenekoa kaleratu zuten. Honakoak: Bortutik oihu, Etxe xokoan, Eguerri, Eguerri artzain ttikiena, Itsasora, Moda zaharreko ezkontza eta Harrapailu. Urte bereko abenduan, “Lafitteren antzerki kaierak” plazaratu zuen. Barruan honako zazpi antzezlanak zeuden: Maritxuren kondaira, Amerikanoa, Frantzisko Xabier, Madalena Larralde eta Eskualdunak menderez mende. 2010ean, “Larzabalen antzerki kaierak” liburu mamitsua atera zuen. Piarres Larzabalen antzerki identitarioari buruzko tesiaren bitartez, Bordeaux III Montagne Unibertsitatean doktore titulua duen Ixabel Etxeberria urruñarrak Euskal nortasuna hobestuz izeneko sarrera zabal eta aberatsa egin zion. Liburuaren barruan zazpi antzezlan zeuden: Orreaga, Bereterretx, Matalas, Lartaun, Sarako Lorea, Orria 778 eta Ibañeta. 2011ko martxoan, “Monzonen antzerki kaierak”izenekoa plazaratu zuen. Hau ere sobera mardula eta aberatsa. Euskal antzerkian doktore den Ixabel Etxeberriak Euskal kultura goi mailara izenburuko sarrera mundiala egin zion. Barruan sei antzezlan zekartzan: Ur garbi, Lau kantari eta txori bat, Gure behia hila da, menditarrak, Eneko Bizkai eta Maria Lorka eta bukatzeko, Hazparneko Andere ospetsua. Eta bildumari bukaera emateko, 2011ko abenduan, “Sei antzerkigileren kaierak” liburua plazaratu zuen elkarteak. Bertan sei antzezlan azaltzen ziren: Leon Leonen Haurrak azken hitza bere, Jean Barbierren Kauserak edo kruxpetak, Hillau anderearen Vichy ala Ahüzki?, Jannick Aramendiren Hautsaren azpian, Dominique Soubelet kanonigoaren Xuriketa-egile kalakariak eta Iratzederren Fededunen arbasoa. Begiraleak elkarteak liburu hauek argitaratzean sekulako ekarpena egin die euskal antzerkigintzari, Lapurdiri eta Euskal Herri osoari. Ene ustez, bilduma hau garai haietako lapurtarren idazmoldea, pentsamoldea eta bizimodua aztertzeko guztiz garrantzitsua da, ezinbesteko erreferentzia. Ipar Euskal Herrian badira horrelako testu ainitz gordeta eta erdi ahantzita, bai antzezlanak, bai kantuak, bai bertso eta olerkiak… Euskara gaur pairatzen ari den egoera larri honetan horrela egotea normala iruditzen zaigun arren, indar bat egin beharko genuke biltzeko eta argitaratzeko, gaur egiten duguna biharkoen oinarria izanen baita. Euskara indartuko da, Euskal Herriak autogobernua ezagutuko du, eta geroaldi oparo horretan, aurreko belaunaldiek egindakoa ezagutu nahi eta beharko dute. Begiraleak elkarteak egin duen bidea txalogarria izateaz gain, eredutzat hartu beharko genuke denok. Geroa euskaraz heldu da! Ezina ekinez egina! “AGUR JAUNAK” KANTUAREN NONDIK NORAKOAK Kantu honen lehen arrastoa Manuel Lekuona pilotariaren kontakizun batetik datorkigu. Manuel Lekuona Errenterian bizi zen arren, oiartzuarra zen sortzez, Urkalle baserrikoa, eta hortik zetorkion denek ematen zioten ezizena. Badirudi, XIX. mendearen erdi aldean pilota partida bat jokatu zuela Donibane Garazi aldean eta baita irabazi ere. Partida bukatu ondoren, ostatu bateko kanpo aldeko terrazan bazkaldu zuen gainerako pilotari lagunekin, eta hor ari zela, mutil morrosko bat azaldu zitzaion bertan, eta txapela kendu ondoren, honako abestia kantatu zuen bertan bazkaltzen ari ziren guztien aurrean: Agur jaunak! jaunak agur! agur t´erdi! Denak Jinkoak eginak gire, zuek eta bai gu ere. Agur jaunak, agur! agur t´erdi! hemen gire. Agur jaunak! Mutila Garazi aldeko hainbat pilotarik bidaltzen zuten Manuel Lekuonari pilota desafioa egiteko. Lekuonak eskainitako partidak onartu zituen, Donibane Garaziko frontoian jokatu eta irabazi egin omen zituen. Hori eginda, Oiartzun aldera itzuli zen, desafiorako mutilak erabili zuen kantua buruan jira-biraka zebilkiola. Urte asko pasatu ondoren, 1892ko egun batean, Manuel Lekuona pilotari ohiak Lezoko Oarso-Ibai izeneko ostatuan lagun arteko giroan zegoela, lagunei gaztetan Donibane Garazin gertatu zitzaiona kontatu zien, eta baita mutil morroskoak desafiorako erabili zuen abestia kantatu ere. Ostatuan, adiskideen artean, bazegoen Antonio Peña-Goñi izeneko idazle, musika kritikari, piano-jole eta konposatzaile ospetsua zena. Honek kantuaren partitura egin zuen. Geroxeago, gutun baten bidez Felipe Pedrell adiskideari igorri zion, pianorako moldaturik, eta honek Bartzelonan argitaratzen zuen “La ilustración musical hispano americana” izeneko aldizkarian eta “Euskaldun lotoskaria” titulupean argitaratu zuen 1892ko azaroaren 30ean. Hurrengo urtean, 1893an hain zuzen, Etxeberria-Gimonek “Ecos de Vasconia” izeneko bilduman sartu zuen, 50. zenbakiarekin. Bilduma Peña- Goñiri eskainia zen. Zenbait urte beranduago, Iñazio Perez-Arregi eta Aita Donostia edozein ekitaldirako agur moduko doinu egoki bat bilatzen ari ziren euskal kantu zaharren artean. “Euskaldun lotoskaria” hautatu zuten eta 1918ko agorrilaren 1ean, Loiolako San Iñazioren prozesioan jo zuten. Hurrengo hilabetean, Euskal Ikasketen kongresuan jo zuten, berriz ere, eta orduz geroztik ofizial bilakatu zen Euskal Herriko ekitaldi publiko guztietan. Hauxe da ezagutzen dugun historia. Dena den, galdera aunitz gelditzen zaizkigu airean. Nork egin zuen? Noiztik erabiltzen zuten Garazi aldean? Pilota desafioetarako bakarrik erabiltzen al zuten? Gaur egun, horiek denak erantzunik gabeko galderak ditugu. Dakiguna zera da, “Agur Jaunak” kantu entzutetsua Garazi aldean sortu zela. Kantuaren baitan erabiltzen diren hitzek ere baxenafarra dela adierazten digute. Doinuaren aldetik Jose Luis Ansorena Mirandak artikulu batean kontatzen duenez, behin Vienako kafetegi batean zegoela, biolina jotzen ari zen bati doinu bera entzun zion. Harriturik harekin hizketan hasi eta biolin-joleak Vienako doinu zahar bat zela esan zion. Jakin badakigu doinu berberak han eta hemen, hainbat kultura eta herritan, errepikatzen direla eta hauxe izan daiteke kasu horietako bat. PELLO COUDROY, DANTZA, MUSIKA ETA SUKALDARITZA Herri guztietan badira arrunt ezagunak izaten diren lagunak, ainitzetan herri horren ibilbidean guztiz sustraiturik daudelako, eta bertako paisaiaren zati direlako. Horietako bat dugu Pello Coudroy “Urritzaga” Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteko sukaldari nagusia. Baina nor dugu Pello Coudroy? Ikus dezagun segidan. Pello Coudroy Darruzpe 1939ko uztailaren 2an sortu zen Lapurdiko hiriburuan, Baionan alegia. Haren aita André Coudroy zen Landetakoa, Akize aldekoa; eta ama, berriz, Jeanne Darruzpe azkaindarra. André bizibidez agente inmobiliarioa zen eta asegurantza bat zuen Baionan. Esposatu zirelarik Baionan finkatu zuten haien bizitokia eta bertan sortu zitzaizkien lehen bost seme-alabak: Maite, Maielen, Maia, Pello eta Ganix. Bi ttikienak, Panpo eta Xabier izenekoak, Donibane Lohizunen sortu ziren. Andrék bere burua euskaldundu zuen emaztearen familiarekin alde batetik, eta Aita Eiheramendik bere burua euskalduntzeko egin metodoarekin bestetik. Apaiz honi Apez Ttikia deitzen zioten, biziki ttikia baitzen. Munduko apez ttikiena ere erraiten zioten. Aita euskalduna omen zuen, baina beti etxetik kanpo lanean zebilena, eta ama erdalduna. Hori dela eta, umetan ez zuen euskaraz ikasi. Gazte zelarik eta bere burua euskaldundu nahian, metodo ttiki bat egin zuen, eta horren bidez euskaldun bilakatu zen. Metodo hori bera izan zen André Coudroyk bere burua euskalduntzeko erabili zuena. Handik aitzina André izatetik Anddes izatera igaro zen, horrela baitzen familiakoek eta adiskideek ematen zioten izena. Baionatik Donibane Lohizunera aldatu ziren bizitokiz, eta coudroytar gazteak bertako Begiraleak elkartean ibili ziren dantzari. Pello dantzari fina zenez, Begiraleak taldean ibiltzeaz gain Filipe Oihanburuk zuzentzen zuen Etorki dantza talde profesionalera pasatu zen, eta orduz geroztik hor ibili zen 40 urtez dantzari. Etorki dantza taldeak Pelloren bizitza bideratu zuen nolabait, eta horrela 52 egunez Afrikan ibili zen dantza-dantzari, kontinente osoa zeharkatuz. Handik zenbait urtetara gauza bera egin zuten Ameriketan, lau hilabeteko bidaia eginez: Rio Janeiro, Montevideo, Buenos Aires, Rosario, Mar de Plata, Txile, Bolivia, Peru… eta leku guztiguztietan arrakasta itzela atzeman zuten. Bidaia bukatzean, Pello Missouri aldera joan zen, bertan bizi baitzen Maia arreba, eta han gelditu zen ingelesa ongi menderatu arte. Auto-stopez Kaliforniako San Frantziskoraino joan zen gero, eta handik Euskal Herrirako itzul bidaia burutu zuen. Euskal Herrian zegoela, aitak Donibane Lohizunen ezarrita zuen asegurantzaren bulego berrian aritu zen lanean hasieran, geroxeago Baionan zuten bulego zaharrean, eta azkenean, Xemark Ospital adiskideak Donibane Lohizunen zuen bidaia agentzian; eta hor egin zuen lan erretreta hartu zuen arte. Bitartean Begiraleak elkartean aritu zen luzaz dantza irakasle eta gero, Pierrot Gil zuzendaria izan zen garaietan, sukaldari aritu zen, elkartearen izenean, Euskal Herriko luze-zabalean egiten ziren marmitako txapelketetan parte hartuz. Orduz geroztik eta gaur arte, sukaldaritzan burubelarri aritu da. Larunbatetan 30 bat lagun biltzen dira elkartean, eta bost bat lagunek Pelloren gidaritzapean, euskal sukaldaritzako zenbait plater prestatzen dituzte. Gainerakoek behatzen dute nola egiten diren, eta mahaia jartzen laguntzen dute. Gero elkarrekin afaltzen dute eta ondoren, ohiko euskal kantuen tenorea izaten da. 2010ean, “Lapurdiko sukaldaritza” izeneko liburu ederra kaleratu zuen Hiria argitaletxearen bitartez. Liburu horretan Begiraleak elkartean ainitzetan landu dituen 50 errezeta irakur daitezke. Gehien-gehienak Lapurdiko itsas-hegian ohikoak edota ospetsuak diren errezetak ditugu, baina badira Pello Coudroy-k sortutako berriak ere. Lapurdiko sukaldaritza ezagutu nahi duen edozeinentzat behar-beharrezko liburua da hau. Ikus dezagun zein diren errezeta horiek: A) Sarrerak: 1.- Eltzekoa, 2.- Eltzekaria, 3.- Hetsilarrak donibandar erara eta 4.- Piperrada. B) Arrainak: 5.- Arrain saltsa, 6.- Atuna ziburutar erara, 7.- Bakailua azkaindar erara, 8.- Bakailua Baionako erara, 9.- Bakailua Begiraleak-en erara, 10.- Bakailua bizkaitar erara, 11.- Bakailua irrisarekin, 12.- Bakailua koxkera erara, 13.- Bakailua pikillo-piperrekin Begiraleak-en erara, 14.- Bakailua pil-pil erara, 15.- Bakailua probentzar erara, 16.- Berdel gantxigorrak, 17.- Bixigua donostiar erara, 18.- Bixigu gatzatua, 19.- Irrisa Begiraleak-en erara, 20.- Legatza saltsa berdean, 21.- Lupina gatzatua saltsa txurian, 22.- Marmitakoa Begiraleak-en erara, 23.- Ttoroa Begiraleak-en erara, 24.- Urraburua donostiar erara, 25.- Urraburu gatzatua, 26.- Txipiroiak Begiraleak-en erara, 27.- Txipiroiak tinta beltzean, 28.Txirlak euskal erara, 29.- Zanburiña, 30.- Zapoa Begiraleak-en erara eta 31.- Zurrukutuna. C) Haragiak: 32.- Ahatea laranjan Begiraleak-en erara, 33.- Axuria edo bildotsa ardo txurian, 34.- Azkaingo axoa, 35.- Barekurkuiluak Begiraleaken erara, 36.- Bildotsa txilindronean Begiraleak-en erara, 37.- Giltzurruna, 38.- Kexiloako oilaskoa, 39.- Oilarra arno beltzean, 40.- Oilasko gatzatua, 41.- Oilaskoa saltsan euskal erara, 42.- Tripakiak eta 43.- Usoa saltsan Begiraleak-en erara. D) Bestelakoak: 44.- Irrisa euskal erara eta 45.- Patatak errioxar erara. E) Azken-burukoak edo desertak: 46.- Amatxiren pastiza, 47.- Koka edo esne opilak, 48.- Euskal pastiza eta 49.- Taloa. F) Edariak: 50.- Sangria Begiraleak-en erara. Liburuaren bukaera aldean bada hiztegi ttipi bat Lapurdiko hitz bereziak euskara batuarekin, frantsesarekin eta espainolarekin alderatzen dituena eta liburuaren ulergarritasuna izugarri errazten duena. Baina Pellok euskal dantza eta euskal sukaldaritza maitatzeaz gain, badu beste zaletasun handi bat: musika. Jesus Zubeldiarekin txistua jotzen ikasi zuen eta musika zaletasun horri jarraiki, musika-tresna bilduma ederra egin zuen. Bidaia agentziarekin batera kontinente guztiak zeharkatzeko eta ezagutzeko aukera ezin hobea ukan zuen, eta ezagutu zituen lurralde horietan bertako musika-tresnak erosi zituen. Horrela osatu zuen bere bilduma bikaina. Gaur musika-tresna horiek Begiraleak elkarteak Dukontenian duen egoitzako geletako batean erakusgai daude, denon gozamenerako. Gaur egun, Pello Azkainen bizi da, Maia arrebarekin batera, amaren sortetxea zen Hiriartenia izeneko etxean. Andde aitak, 1957. urtean Golf Ttikia izenekoa zabaldu zuen, eta udaretan zabaldu izan dute orduz geroztik. Pellok negozio familiarra kudeatu du 2011. urtera arte. Ordutik bada beste pertsona bat hori kudeatzen duena; urteek ez dute barkatzen eta Pelloren osasunak bestelako bizimodu lasaia eskatzen baitio. Hala eta guztiz ere, Begiraleak elkartean jarraitzen du sukaldari nagusi gisa, ahal duen saltsa guztietan lagunduz. Miresgarria da bere umorea eta bere kemena. Adiskideek, adarra jo nahian, Lepo Xuxen deitu izan diote, Coudroy deituratik nolabaiteko itzulpena eginez. Baina, abizen hori ez da frantsesa, gaskoia baizik, eta Urritzaga da dagokion euskarazko itzulpen zuzena. Horixe izan da izengoiti bezala Pellok beti erabili izan duena. Begiraleak elkartean, Donibane Lohizunen, Azkainen… gizon ezagutua da, atsegina, goxoa, gisakoa, euskalduna, hitz errazekoa. Herri guztietan, eskualde guztietan, elkarte guztietan,… bada beti iraganeko oihartzun bizidun bat orainean eragin handia izaten duena, oraina nolabait bideratzen duena, eta iragan aberats horretan sustraiturik daukagu Pello Coudroy. Iragana den arren, oraina ere bada, eta baita geroaren mezularia ere. Beraz, milesker Pello Coudroy, zure bizitza osoan euskal dantzari eta euskal sukaldaritzari eman diezun guzti-guztiagatik. XABI SOUBELETEN. EUSKAL ESPRESIONISMOA Donibane Lohizune beti izan da margolarien habia, eta gaur egun ere horrela izaten jarraitzen du. Herriko Etxeak biziki erakusketa ederra eta interesgarria antolatu du apirilaren 7tik maiatzaren 6ra bitartean, Ravel plazan den La Rotonde izeneko areto ederrean. Gaia: Xabi Soubelet. Euskal espresionismoa. Zabaldu zen egunetik aretoa jendez lepo egon da, eta bertara hurbildu direnek izugarri preziatu dute margolari ziburutarraren lana. Xabier Soubelet arras ezagutua eta maitatua da Donibane Lohizunen, bertan bizi baita, eta inguruko herrietan. Margolaria izateaz gain olerkaria, kantaria eta euskal idazlea dugu, eta horretaz gainera, Begiraleak euskal kultura elkarteko lehendakaria. Gizon hau guztiz sustraitua dago Donibanen, euskal kulturarekin atxikirik eta artearekin ongi uztarturik. Euskal Herria maite du bihotz osoz, eta hori nabarmen ikusten da bere ekintza eta artelan guztietan. Bere tinduretan ama-lurrari dion atxikimendua argi eta garbi azaltzen da, atxikimendu baino gehiago hautua erranen nuke nik, kontzientzia osoz egindako hautua. Gaztea zelarik, Joxe Mari Apezetxearekin ikasi zituen margolaritzaren oinarrizko sekretuak, eta orduz geroztik, autodidakta moduan aritu da. Bere lehen oihalak inpresionistak izan baziren ere, laster postinpresionismo cezanniar batera aldatu zen, eta ondoren, fauvismo koloretsu batera. Espresionismoa da beraz, Xabi Soubeletek margolaritzan aukeratu duen bidea. Atelierra Baztango Arizkun herrian dauka, eta ainitz dira bertan egin dituen erakusketak ikustera hurbiltzen zaizkionak. Bere obra 1850 olio margolanez osatua omen dago. Margolari aberats bezain emankorra dugu Xabier. Haren mihisetan kolore bizi-biziak eta argi distiratsuak nahasten dira kontraste ikaragarriak sortzen eta halaber, tindurei konposizio dinamiko bat emanez. Euskal paisaia du gogoan beti, euskal paisaiak, berarengan sortzen duen zirrara; eta barne zirrara horri jarraituz burutzen ditu bere margolanak. Soubeletek maisuki idurikatzen ditu euskal paisaietako soroen berdetasuna, euskal zeruaren urdintasuna, gure lurraren gorritasuna… Kolore horiek bereziak dira Soubeleten pintzeletik sortzen direlarik. Beraien interpretazioa, beraien lotura, beraien uztardura… berezi-bereziak dira, guztiz berezkoak. Gauza bera, erran daiteke irudi horizontalen eta bertikalen interpretazioan, alternantzian eta baturan egiten duen hautuaz. Arestian azaldu dudan bezala, euskal paisaia konstante bat da Soubeleten mihisetan, Baztango belar-soro zabal berde eder argitsuak, euskal etxe zuriak, teilatu gorriak, Lapurdiko kostaldeko portuak… horixe baitarama bere baitan, horixe baita bere euskal arimak beti berekin daraman ekipajea. Euskal nortasuna odolean darama, bihotzaren bazterrik sakonenetan… eta euskal paisaiaz egiten duen abstrakzioan oinarriturik burutzen ditu bere margolanak. Soubeletek errotik maite du Euskal Herria, errotik maite du euskal paisaia eta horixe da bere inspirazio iturri amaigabea. Soubeleten obra argia da, kolorea, koloreen uztardura magikoa, bizi-gogoz zipriztinduriko formak… Horixe da bere obraren aitzinean jartzen garen guziok sentitzen duguna, gure baitan pizten den miresmena. Lerro hauetatik gure esker ona helarazi nahi diogu artistari burutzen ari den erakusketa ederragatik, plazer izugarria baita bere margolanetan barneratzea eta amestea. Erakusketa azken eguna arte arrakastatsua izanen delakoan nago. Hala bedi! URRUÑATIK IRUÑERA KONKISTAREN EGUNEAN Arratsaldeko hiruretan Patxi adiskidea eta biok Iruñea aldera abiatu ginen. Bortziritik barrena sarturik berehala egin genuen bidea. Lapurdiko kostaldean lainoa eta freskura ziren nagusi arratsalde hartan, baita Bortzirin ere, eta egun hitsa genuelakoan ginen. Miraria Belateko tulen luzea igarotzerakoan gertatu zen, hitsean sartu eta eguraldi ezin ederrago batera irten baikinen. Iruñean ere horrelako eguraldi ederra zegoen. Hiriko erdi aldean, Aduana plazan den lurpeko aparkalekuan autoa utzi genuen eta hortik Iruñea zaharrean barneratu ginen. Den-dena jendez gainezkoa zegoen. Bazirudien San Ferminak aitzinatuak zirela. Estafeta kalean sartu eta Muthiko Alaiak elkartera iritsi ginen. Barne-kanpoak jendez beteta zeuden. Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteko kide gara bai Patxi eta bai ni, eta Muthiko Alaiak elkartearekin lotura estuak ditugunez gero, urtean behin beraien neska-mutilak gurera hurbiltzen zaizkigu, inauterietan, eta gureak Iruñera joaten dira urtero, maiatzean, Iruñea Zaharreko besta egunetan. Hori dela eta, elkar ongi ezagutzen dugu eta elkarrekin une goxo aunitz igaro ditugu. Elkarteko balkoi eder luzean ikurrina, nafarra eta elkartearen bandera zituzten eskegita, eta elkarteak dituen hiru solairuak jendez mukuru zeuden. Batzuk tabernako barran, gehien-gehienak, berriz, arropaz aldatzen ari ziren karrikaz karrika eta plazaz plaza dantzari ibiltzeko. Konpartsa prestatzen ari ziren. Kanpoan aiduru musikariak euren tresnak astintzen eta bitartean, kaleko bazter batean, Txantreatik ekarritako erraldoiak janzten ari ziren. Ordu laurden baten buruan denok atera ginen bost eta erdietan hastekoa zen martxa aldera. Kaleek inurritegiak ziruditen, edo bestela, jendetza alai eta koloretsua etengabean zeramaten errekak. Inoiz ez dut hainbeste jende ikusi Iruñean, San Ferminetan salbu. Aurten Iruñean izan zen Aberri Egunean ere ez zen, ene aburuz, horrenbeste jenderik bildu. Martxaren hasieran euskal izaki mitologikoaz jantziriko lagun batzuek Zazpiak bat handi eta ederra zeramaten. Haien gibeletik ehun bat joaldun euren joareak ozenki eta erritmikoki astintzen. Horien jarraian ehunka bandera nafar eta denen gainetik masta luzeko euskal ikurrina. Ondoren herrietako ordezkariak euren herriaren izena erakusten zuen entseina eramanez. Osora berrehun bat edo. Eta horien guztien atzetik herritarrak, txarangak, musikariak, erraldoiak, peñak, dantzariak… Osora hogei mila lagun inguru antolatzaileen kalkuluetan. Suge luze koloretsu erraldoi hura, Iruñea zeharkatu ondoren, Gaztelu Plazara iritsi zen eta bertan arratsaldeko ekitaldi nagusia burutu zuten. Erdi aldean oholtza bat zeukaten jarririk eta bertatik Nafarroa Bizirik elkarteko zenbait ordezkari mintzatu ziren egunaren garrantzia historikoaren berri emanez. Duela bostehun urte, 1512ko ekainaren 16an, Gaztela eta Aragaiko armada, Albako dukea buru zuela, Nafarroako Erresumaren hiriburuan sartu baitzen bostehun urteko okupazioari hasiera emanez. Asisko Urmenetak hitza hartu zuen gero Nafarroako entseinak mendeetan zehar eduki dituen aldaketak denon gogora ekarriz. Garbi utzi zuen espainiarrak gurera etorri aurretik hemen bazela herri bat eta euskaldunok erakunde libre eta independenteetan antolaturik ginela. Ekitaldia umila bezain sutsua izan zen, laburra baina beroa, Iruñean egiten zuen eguraldia bezain beroa. Gero gerokoak. Euskal Herriko bazter guztietatik joandako itsaso jendetsu hura Iruñeko karriketan barrena isuri zen hiria euskal giroaz betez. Gu Merkatarien Kalera joan ginen, larunbatero bertan egiten duten Karrikadantzara, hain zuzen ere. Gu hara iristeko dantza giroa hasita zegoen eta jendea dantzari loturik zebilen. Bertan den Iruña Zaharra izeneko ostatu ospetsua jendez lepo zegoen. Hantxe aritu ginen dantza saioa amaitu zen arte, gero Estafeta kalera itzuli ginen. Hura zen giroa! Muthiko Alaiak elkartean nekez sartu eta azken garagardoa edan genuen. Hamaiketan abiatu ginen Iruñetik, eta esan beharra daukat hiriko karrikak eta plazak egunean zehar bezain beterik utzi genituela. Jendeak dantzaz eta kantuz jarraitzen zuen. Beti pentsatu dut gure Herri onek bizirautea eta irabaztea merezi duela, baina Iruñeko giroa ikusita, ziur naiz goiz ala berant horrela eginen duela. Gainera, ez dut uste euskaldunon egun handia urrun samar dagoenik. Etorri, etorriko da. Jaiki, jaiki euskotarra laster dator eguna! Autoan, Urruñarako itzuli-bidaian, nire buruak 1512ko ekainaren 16 zorigaiztoko hartara jo zuen, eta euskaldunon hiri nagusian sartzen ari zen armada inbaditzailearen buru Albako duke zital hura ikusi. Ordutik bizi izan dugun ukazioak bultzaturik honako olerkia egin nion: Albako duke zitalari Jadanik, bostehun urte dira Iruñean sartu zinela Europako armada handienaren buru. Jadanik, bostehun urte herri honi morrontzaren kateak ezarri zenizkiola otso oste baten izenean. 1512ko ekainaren 16an izan zen zorigaiztoko eguna, Iruñeko harresietako ateak zeharkatuz barnera sartu zinena. Gaizkiaren garaipena izan zen, ankerkeriaren odol besta, asimilazioaren hastapen latza, okupazioaren abiapuntu hitsa. Inperio handi zitalak gure herria jan zuen hartan zu zinen putre guztien buru, Gaztelako eta Aragoiko errege-erregina faltsarioen ordezkari. Zuen mugak zabaltzea zenuten helburu, herriak eta herritarrak suntsitzeko gogo, gizonak eta emakumeak makurtzeko xede, Nafarroako Erresuma betiko menperatzeko gura. Errekak odol putzu zenituzten bilakatu, krudelkeria erregeorde zenuten jarri, euskal hazia erresumatik zenuten ezabatu, zuen banderak eta mintzaira gurean ezarri. Ez zineten izan soldadu noble eta adoretsu gupidarik gabeko borrero ankerrak baizik, ez zenuten deus onik ekarri odola, okupazioa eta umilazioa baino. Zure arima erraturik ibil dadin sekulorun sekulotan, eternitatean, kiskalirik infernuko su garretan, mamu erratu bilakaturik oihan beltzetan. Hego haizeak zure arima zikina basamortu gorienetatik barrena eroan dezan eta historiaren oroimenean zure izena madarikatua izan dadin mende luzetan. Urrundik usaintzen dugu zure kiratsa, urrundik dakusagu zure itzal hitsa, zuregatik bizi dugu gaur ukazio gogorra, zuregatik ezabatu gaituzte herri libreen mapatik. Ustel zaitez betiko isuri zenuen odol putzuan! Otso gosetiek zatika eta jan bezate zure bihotz zitala! IRISARRIKO KABALKADA ETA TOBERA. BERRITZEAREN INDARRA Irisarriko kabalkada eta tobera iragartzen zituen afixa nire eskuetara iritsi zela eta, uztailaren 8an, igandearekin, Nafarroa Behereko aipaturiko herrira hurbildu nintzen. Goizeko 10,30etan meza gogoangarria egin zuten herriko elizan eta arratsaldeko 3,30etatik 5,45etara kabalkada eta tobera zoragarriak, urte luzetan oroituko diren horietakoak. Irisartarrek, berriz ere, 1937an egin zuten tobera historiko eder hartan egin zuten bezalaxe, ederki erakutsi zuten kabalkadak eta toberak prestatzen aditu handiak direla. 1.- Kabalkadaren eta toberaren nondik norakoak. Hasteko esan dezagun kabalkada eta tobera ez direla gauza bera, baina hori bai, aunitzetan elkarrekin burutzen dituztela. Kabalkada desfile modukoa da eta hasieran jaka eta txapel gorriz jantzitako zaldizkoak joaten dira, hauetako lehen biek banderak eramanez. Normalean euskal ikurrina eta nafar bandera edota arrano beltza izaten dira; dena den, aunitzetan herrietako banderak ere eramaten dituzte. Zaldizkoen gibeletik gainerakoak joaten dira: makilariak, zapurrak, bolantak, ziganteak, herriko jaunandereak… eta bukaera aldean etengabean bihurrikeriak eta zozokeriak egiten aritzen diren zirtzilak. Kabalkadak maiz ikus daitezke Nafarroa Behereko eta Lapurdiko eskualdeetan. Inaute garaian behenafarrek egiten dituzten Libertimendia izeneko ekitaldietan edota urtero Baigorrin egiten den Nafarroaren Egunean ohikoak izaten dira. Pena da, baina azken horretan badira bizpahiru urte kabalkadak zaldirik gabe egiten dituztela. Zuzendu beharreko akatsa delakoan nago. Bunuzen, Uharte Garazin, Donibane Garazin, Lekornen, Itsasun, Lasan… ere kabalkada ederrak egin izan dituzte. Garai bateko kabalkadetan antzerki satiriko modukoak egiten zituzten, gaur berriz, horrelakorik ez da egiten. Toberak, berriz, oso bestelakoak ditugu. Antzina gazteek antolatzen zituzten herrian izandako gertakari bitxi baten karietara, eta beraietan kritika, salaketa, umorea, kantuak eta dantzak uztartzen zituzten. Gaiak ez ohikoak edo xelebreak izaten ziren edota garaiko moralaren aurkakoak: alargun bat berriz ezkontzea, ezkontideen infidelitatea, adineko gizon bat neskatxa gazte batekin ezkontzea… eta abar. Antzezpen satiriko horiek oso zabalduta egon ziren Europa osoan eta zenbait idazlek zigor kolektibotzat hartu izan dute. Euskal Herriko luze zabalean ere horrelakoak izan genituen: xaribaiak, galarrotsak, karrusak, astolasterrak, xuriketak, kabalkadak, toberak… Ikusten dugunez, Euskal Herrian baditugu kabalkada eta toberarekin senideturiko bestelako antzezpenak, horien artean toberak edo tobera-mustrak –horrela ere deitzen baitzaie– ospetsuenetakoak izan badira ere. Badirudi tobera izena latinezko tubella hitzetik datorrela, horrela dio, bederen, Manuel Lekuonak 1978. urtean plazaratu zuen Aozko literatura izeneko liburu mamitsuan. Tubella horiek burdinoletako arragoan erabiltzen omen ziren, eta bertatik sortzen omen zen burdina goritzeko beharrezkoa zen airea. Gazteek tubella edo tutu horiek baliatzen zituzten tronpetatxo gisa ezteietan, parrandetan edota horrelako antzezpen satirikotan. Hortik omen dator tobera hitza. Toberak, salaketa plazaratzeko estakurua izateaz gain, besta ederra egiteko aitzakia ere baziren. Antzerki satiriko horretan alegiazko auzia antzezten zuten non honako pertsonaiak edo sujetak agertzen ziren: jujea edo epailea, uxerra edo fiskala, abokatak, jendarmak, hobendunak eta lekukoak. Toberak hasteko kabalkada ederra egiten zuten, orga eder batean jujea eta abokatak eramaten zituztelarik. Arestian aipaturiko pertsonaiez gain, bi koblakari edo bertsolarik hartzen zuten parte, horietako batek hobendunaren alde eginez eta besteak hobendunaren aurka. Tarteka, kabalkadan ibilitako guztiek jauziak dantzatzen zituzten, zirtzilek, bitartean, etengabeko zozokeriak burutzen zituzten. Amaiera aldean azken kantu bat, kabalkada eta dantza-jauziak bertara hurbildutako herritar guztientzat. Hauxe zen tobera tradizionala egiteko modua. 1937an irisartarrek sekulako tobera antolatu zuten, behenafarren oroitzapen kolektiboan atxikirik gaur arte indarrez iraun duena. Badirudi hau izan zela jokatu zen azken tobera-munstra. 1939-1945eko gerla ondoren gizartea arrunt aldatua zen eta kritika eta salaketa haiek ez ziren, jadanik, ongi ikusiak. Hori dela eta, 1945. urtean toberak galarazi zituzten. Beraz, garbi esan dezakegu Irisarrik 1937an jokatu zuen tobera ospetsu hura izan zela molde zaharrari loturiko azkena. Europa osoan antzeko zerbait gertatu zen, antzerki molde zaharrak baztertu zituzten eta antzerki eraberrituari bideak zabaldu zizkioten, baita Euskal Herrian ere. Eta horrela, 1946tik aitzina kabalkada eta tobera eraberrituak jokatu zituzten Baigorrin, Luhuson, Makean… eta abar. Gaia asmatua zen, alegiazkoa, baina gainerako guztia: dantzak, jokoak, sujetak eta abar, berdin-berdinak. 1970az geroztik, eta abertzaleen eskutik, tobera irakurketa politiko berri bat proposatu zuten, tokiko ordena zalantzan jartzeko (Baigorrin 1976an, Eiheralarren 1988an, Amikuzen 1991n, besteak beste). Ospetsuak izan ziren Daniel Landartek idatzitako Panpale beti xut (1979), Pantzo Irigarairen Pontzio gautxori (1991) eta Otto Kristobal (1994). Lekornen 1996an biziki kabalkada-tobera ederrak plazaratu zituzten eta Itsasun, besta kari, aunitzetan egin dituzte. 2007an azkena. Beraz, 1970. urtetik tobera etengabeko berritze prozesuan sarturik dagoen antzerki mota daukagu, arrakasta handia erdiesten ari dena. Arrakastaren gakoa berritze horretan, gizarte modernoko arazoetara hurbiltzeko egindako ahaleginetan bilatu beharko genuke. Tradizioa eta modernitatea maisukiro uztartzen jakin dute eta horrek sendotu, indartu eta zabaltzeko aukera eman dio; horretaz gain, geroari begira, bide eta posibilitate handiak zabaldu dizkio. 2.- 1937ko Irisarriko tobera tradizionala.- Jean-Michel Guicher ikerlariak dioenez Irisarrik ospe handia zuen kabalkadak eta toberak antolatzen, denbora gutxi barne tobera franko jokatu baitzituen: 1883an, 1914an, 1921ean eta 1928an. Dirudienez, tobera-munstra horiek entzutetsuak izan ziren eta horregatik 1937an, azken tobera tradizionala antolatu zuelarik, jende oldea hurbildu zen Nafarroa behereko herrira. Orduko kronikek kontatzen digutenez 3000 pertsona inguru hurbildu omen ziren Irisarriko plazak eta karrikak betez. Tobera herriko plazan jokatu zuten eta 200 bat gizonek parte hartu omen zuten, tobera tradizionalean emakumeek ezin baitzuten parte hartu. Tobera hartan azaldu ziren emakume guztiak emakumez jantzitako gizonak izan ziren. Eta gaur bitxia iruditzen bazaigu ere, tobera egin ahal izateko herriko erretoreari baimena erosi behar izan zioten. Kabalkada Zelai auzoan hasi zen eta hortik plazara abiatu zen. Karroza batean jujea eta abokatak zihoazen eta bigarren orga batean koblakariak. Jakin badakigu 1928ko toberan koblakariak Eiheralarreko Larramendi eta Luhusoko Larralde izan zirela, eta 1937koan berriki zendua zen Larramendiren semea eta Larralde. Henri Haran irisartarrak 89 urte ditu egun, eta azken tobera hura jokatu zenean 14 urte zituen. Muttikoa zenez, ez zioten utzi parte hartzen baina, hala eta guztiz ere, gogoan du toberako gaietako bat, emaztea egurtzen zuen gizon baten ingurukoa zela. Ematen duenez, herriko plaza jendez mukuru egon zen eta horietako asko bertako zuhaitzetara igo omen zen kabalkada-toberak hobeto ikusi ahal izateko. Jorratutako gaiek eztabaida handia piztu omen zuten baita bertara hurbildu zirenen arteko liskarrak eta kalapitak ere. Azkenean, ukabilkadaka bukatu omen zuten. 3.- 2012ko Irisarriko tobera modernoa.- Tobera hau Jean-Michel Nobliak idatzi eta zuzendu du, horretaz gain, bera izan da arduradun nagusia. Haren inguruan lan-talde zabal bat aritu da urte betez gainerako atal guztiak antolatzen. Aipa genitzake dantza maisu-maistrak izan diren Laurent Hariñordoki eta Cristinne Urruti, kantu arduradun izan den Jean Paul Hiriart, eta dantza doinu berriak eta azken kanta prestatu dituen Laura Bide. Bi tobera-munstra izan dira. Lehena uztailaren 8an, igandearekin, eta bigarrena uztailaren 14an, larunbatarekin. Lehen saioan 2000 ikusle inguratu ziren eta bigarrenean beste hainbeste. Nik lehena ikusi nuenez gero, horri dagokion kontakizuna eginen dizuet jarraian. Meza goizeko 10,30etan izan zen. Herriko eliza bete-betea zegoen eta kabalkadakoak barnera sartzean, apezak hasiera eman zion. Irisartarrak bestarako gogo onez beterik zeudela nabaria zen. Hango giroa! Hango kantuak! Irisarri prest zegoen egun gogoangarri bat iragaiteko. Arratsaldeko kabalkada-tobera 3,30etan hasi zen. Dena den, esan beharra dago ordu 2,30etatik aitzina jendea jarrita zegoela ekitaldirako prest zeuzkaten zurezko harmailetan. 3,30etan kabalkada toberaren eremura sartu zen. Osora 150 bat lagun ziren. Kabalkadaren buruan zaldizkoak zetozen, lehenetako batek euskal ikurrina zeraman eta aldamenekoak, berriz, arrano beltz ederra. Horien gibeletik makilari bat, bolantak, zapurrak, zirtzilak, herriko jaun-andereak eta ziganteak. Ondoren zalgurdi eder batean jujea, uxerra eta abokata jaun-andereak. Horren segidan zirtzilez beteriko traktore bat. Traktoreko muturrean ikurrin handi bat zeramaten eta gainean etzanik, emakume-panpin handi bat, biluzik eta bular handitakoa. Atzetik eta lasterka, jendarmak zirtzilak egurtzen eta entzun-ikusleen barre algarak sortarazten. Jujea eta gainerako epaileak oholtza gaineko jarlekuetan eseri ziren eta orduan jujeak toberan epaitu behar zituzten gaien berri eman zituen: 1.Herriko Etxeak 7 Ha lur erosiak eta prestatuak ditu lantegiak altxatzeko. Bateragarria ote da Irisarriko lanbide nagusia den laborantzarekin? Ez al du gizarte berri bat sortuko? Ez ote da euskararen eta euskal kulturaren kalterako izanen? eta 2.- Zer egin euskararen erabilera eta euskal kultura bera herrian indartzeko? Segidan eta usadioari jarraiki 100 bat dantzarik oholtzaren aitzineko zabaldia bete zuten musikaren arabera dantzatuz. Gilen Hiribarren eta Txomin Elosegi bertsolariek jarraitu zuten gero toberaren nondik norakoen berri emanez. Epaiketa hasterakoan Prosperité izeneko jaun laboraria (Prosper lagunentzat) oholtzara igo zen 7 Ha horietan egin behar zituzten lantegiek ekar zitzaketen arriskuez kexu. Honen azalpen luze eta umoretsuaren ondoren dantzariak sartu ziren , berriz ere, Antxoriz eta Lapurtar motxak dantzatzeko. Gero sartu ziren bolantek (osora 55 bikote) Grabo eta Ainhoarrak izeneko dantzak burutu zituzten bertan ginen guztien gozamenerako. Ondoren, Jakes Ondarea izeneko mostatxa handiko gizon dotorea igo zen oholtzara eta bere testigantza azaldu zuen. 7 Ha horietan egin nahi zituzten lantegien kontra aritu zen luzaz, irisartarren bizimodua, hizkuntza eta kultura aldatuko zituztelakoan. Berarekin batera Debalde andere abokata hitz-motela eraman zuen. Neska txolin honek barre handiak sortu zituen ikusleen artean. Jakes Ondarea eta Debalde abokata oholtzatik jaisterakoan, guztiz desolaturik zegoen emakume gazte bat igo zen epaitegira eta arrangurez beterik Irisarriko ostatuetan ez zela euskal kanturik entzuten, herriko plazan jauziak dantzatu beharrean gazteek country dantzatzen zutela, herrian gaztetxerik ez zegoela eta irisartar gazteek eskubaloia besterik ez zutela buruan salatu zuen. Hitzak hitz, jujearen eta uxerraren arteko giroa gaiztotzen ari zen. Jujeak, behin eta berriro, esan zion uxerrari horrelako azalpenekin jarraituz gero lepoa bihurrituko ziola. Kalapitak eragozteko dantzariak berriz atera ziren eta oraingoan Kadrilak, Euskaldunak eta Sorginak eta Ahuntza famatuak eskaini zizkiguten. Hauek erretiratzean, bertsolariak, berriz ere. Gilen Iribarren gazteak ederki laburbildu zuen irisartarren gogoa bertso batean horrelakoa esanez: Ez da galtzen euskara / ez eta kultura/ urte guziz egiten bada / kabalkada. Tentsioa baretu ondoren jujeak hartutako deliberoak aditzera eman zituen: 1.- Tobera osoan zehar etengabeko zirikan eta pitokeriatan ibilitako zirtzilak urtero inauteria antolatzera eta Zanpantzarren epaiketa egitera kondenatu zituen. 2.- Lantegi eremurako atxikitako 7 Ha horietan, erdia laborantzaren zerbitzurako lantegiak egiteko eta beste erdia herriko gazteendako etxe merkeak egiteko izan behar zirela erabaki zuen. 3.- Euskal dantza talde bat sortzea agindu zuen, horrelako euskal besta ederrak gehiagotan antolatu ahal izateko eta country giro horrekin behin betiko amaitzeko. 4.- Eta herriko egiturak sendotzeko mediku ganbera bat, euskal elkarte bat, ostatu bat plaza kantoian eta larunbat eta igandeetan oinezkoendako gune itxi bat ahalbideratzea gomendatu zuen. 5.- Eta bukatzeko begitan zuen uxerra atxilotzeko eta zulo batera botatzeko agindu eman zien bertan ziren jendarmei. Jendarmak berehala ahalegindu ziren jujearen agindua betetzen baina uxerra espantuka eta korrika jaitsi zen oholtzatik. Jendarmak hari segika. Ondoren dantzari guztiek oholtza aitzineko zabaldia bete zuten kontradantza berri zenbait eskaintzeko. Koblakariak bina bertsoz agurtu ziren eta amaitzeko bi emaztekik kabalkada eta toberan parte hartutako guztiak edota emandako laguntzak oroitarazi zituzten. Esku sarta handiak entzun ziren. Gero amaierako kabalkada izan zen. Partaide guztiek behin eta berriro dantzatuz bi sartze-irtete egin zituzten toberako eremuan ikusleen esker ona jasoz, eta gero zuzenean herriko plazarantz abiatu ziren. Arratsaldeko 5,45ak ziren. Plazan Adartza Taldeak jauziak eman zituen irisartar eta bisitarientzat. Gero gerokoak, ostatu giroa, euskal kantuak nonahi, dantzaldia, solasak… gaueko ordu ttikiak arte. 4.- Irisarriko azken toberari buruzko gogoeta.- 1937ko tobera eta kabalkadatik 75 urte igaro diren arren, irisartarrek ederki erakutsi zuten horrelakoetan maisu izaten segitzen dutela. 700 biztanle inguruko herri ttiki batek horrelako kultur ekitaldia antolatzeak asko esaten du bertako biztanleen kemenaz. Auzolana da, zalantzarik gabe, arrakasta honen arrazoietako bat, eta bigarrena tobera garai berrietara egokitzen eta eguneratzen jakitea. Berritze hau izan da nolabait, 2012ko kabalkada-toberak Irisarrin erdietsi duen arrakastaren giltza. Xiur naiz Irisarriko hau eta gero gehiago etorriko direla. Orain lekukoa Itsasu herriari pasatu diote agorrilaren 19an, besta kari, eginen duten kabalkada-toberarako. Itsasuarrek frankotan erakutsi dute beraiek ere aditu handiak direla horrelako ekitalditan, eta agorrilaren 19an hau garbi azalduko digutelakoan nago. Bibliografia: 1.- Etxekopar-Etxart, Hélène.- “Théatres basques, une histoire du théatre populaire en marche”.- Gatuzain argitaletxea, Baiona, 2001. 2.- Etxekopar-Etxart, Hélène:- “Pastorale eta Tobera, contemporains en Iparralde: de l´ambiguité de la notion de théatre populaire”, Eusko Ikaskuntza, 1996. 3.- Guicher, Jean-Michel.- “La tradition de danse en Béarn et Pays Basque français”, Editions de la MSH, Paris, 1984. 4.- Haritselhar, Jean.- “Toberak Baigorrin 1973an”, ASJU, XLIII, 2009, 435-446. orr. 5.- Irigoien, Mattin.- “Tobera berriaz,… edo hobeki esan gaurko toberaz”, Euskera aldizkaria, Euskaltzaindia, 1998 6.- Itzaina, Xabier.- “Tobera-munstrak Lapurdi barnekaldean”, Sukil, cuadernos de cultura tradicional, Iruñea, 1998 7.- Itzaina, Xabier.- “Itsasuko 2007ko kabalkadaz bi solas”, www.dantzan.com, 2008ko urtarrilaren 8a. 8.- Itzaina, Xabier.- “2007ko Itsasuko kabalkada: Dantzari buruzko xehetasun zonbeit”, www.dantzan.com, 2010eko apirilaren 12a. 9.- Truffaut, Thierry.- “Joaldun et kaskarot. Des carnavals en Pays Basque”, Elkar argitaletxea, Donostia, 2005 9.- Urkizu, Patri.- “Zuberoako irri teatroa”, Izpegi argitalpenak, 1998 10.- www.euskaltzaindia.net/kabalkadak eta toberak 11. www.eke.org/toberak eta kabalkadak 12. www.dantzan.com/ irisarri kabalkada eta toberak AMAIUR ETA BERZAITZ. AMETSETIK LIBERTATERA. Ostarteak eta hodeiak txandatzen ziren uztailaren 21 hartako zeruan. Ez zen egun eguzkitsua, hondartzara joateko horietakoa, baina bai egun ederra mendian edota herrietan barrena ibiltzeko. Arratsaldean emaztea eta biok Dantxarinetik barrena, eta Zugarramurdi eta Urdazubi gibelean utzirik, Baztanera hurbildu ginen. Pier-Pol Berzaitzek zuzenduriko “Amaiur 2012, Haien ametsa gurea da” izeneko ikuskizun artistikomusikala ikustera gindoazen. Amaiurrera iritsi gabe ginela, errepidetik harrizko oroitarria ikusi genuen ezker aldean, beti bezain harro, gure arbasoen erresistentziaren seinale mutua emanez. Arazandikoek egindako indusketek egun argira ateratako gaztelu zaharraren aztarnak ere agirian ikus genitzakeen. Oroitarriaren alboan xut, Nafarroako bandera gorria zegoen. Herria aparkaleku erraldoi bilakaturik zen, hango pentzeak eta bazterrak autoz beteta baitzeuden. Karrikak ere jendez gainezka. Euskal inurritegi bat zirudien, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako jendez mukuru baitzegoen. Airean euskalki guztietako doinuak entzun zitezkeen, Amaiurko eta Baztango euskara kantaria nagusi bazen ere. Han baziren zuberotar alaiak, bizkaitar fierrak, gipuzkoar ozenak, lapurtar musikalak, nafartar harmoniatsuak eta arabar gisakoak. Bazterrez bazter., urratsez urrats entzuten genituen solasek haien guztien berri ematen ziguten. Bi pauso eman eta Larraineko adiskideak, zenbat pauso gehiago eta Iruñekoak, karrika nagusia pixka bat igo eta Bilbokoak, ogitartekoak erostera joan eta herrikoak, hau da, Urruñakoak, oholtzara hurbildu ahala Irungoak, zurezko jarlekuetan eseri eta Erronkarikoak, urrutitik norbaitek besoaz agurtu eta Montevideoko Leonat Egiazabal laguna ikusi… Denak Amaiurrera joanak bertako herritarrek egindako deiari jarraiki. Arratseko 8etan arizaleen desfilea izan zen, dena kolore eta bizi-poza, eta 9etan ikuskizunari hasiera eman zioten. Jarlekuetan 1700 pertsona geunden, 300 biztanle inguru dituen herrian, arrats fresko hartan. Oholtzaren aurrean eta ezker-eskuineko aldeetan Zuberoako pastoraletan ezartzen dituzten itxurako zurezko harmailak jarrita zeuzkaten. Gaztelura doan muinoaren beheko aldean, orain landa-etxea eta frankismoaren garai ilunetan guardia zibilen kuartela izandako jauregi zaharraren aitzinako pentze eder eta zorrotzean, hango penditza eta zuloa baliatuz, paratu zuten dena. Beheko zuloan oholtza ederra eta ezker, eskuin eta aurreko aldeetan zurezko jarlekuak. Pettarra pikoa zen eta hori dela eta, eserlekuetatik oholtza eta arizaleak ikusteko inolako arazorik ez. 1.- Lehen gertaldia.- Desfilatzen zetozen arizaleak oholtzara igotzen hasi ziren turken martxaren soinuaz: Gaztela eta Aragoiko errege-erregina faltsarioak, apezpikua, juduak, agotak, gerlariak entseinariak, gerlariak… eta gainerako pertsonaiak. Ikuskizuna lau gertalditan eta hogeita bi jelkalditan banaturik zegoen. Desfilea oholtzan bukatu zen eta bukatu orduko hasiera eman zioten lehen gertaldiari. Lehen jelkaldia Valladoliden garatzen zen, Aragoiko Fernandoren eta Gaztelako Isabelen ezteietan. Zorigaiztoko inperio baten hastapena irudikatu zuten eta pertsonaiak gaztelania zaharrez mintzatu ziren. Jelkaldiaren amaiera aldean dantzariek Aragoiko jota eder bat dantzatu zuten. Bigarren jelkaldian errege-erregina faltsarioen intolerantziaren berri eman ziguten, juduen aurkako jazarpena kontakizunaren ildora ekarriz. Arizaleetako bat Torquemada inkisidore odolzalea zen eta ederki aritu zen juduen aurkako sua, behin eta berriro, piztuz. Bukaeran Arantxa Irazusta andoaindarraren ahots ozen epelak Amaiurko bazterrak gainezkatu zituen Xabier Leteren “Haur andaluz bati” izeneko kantua ezin hobeto abestuz: “Bota zindutenek irakatsiko dizute hartu zintuen lur hau lur madarikatu dela, bultza nahiko zaituzte herri baten desegitera, hain da maltzur gorrotoa, hain luze eta ilun gaua” Hurrengo jelkaldietan dantzaz eta kantuz Amaiurko bizimodu tradizionala irudikatu zuten. Horrela entzun ahal izan genuen: Xabier Lizardik idatziriko eta Xabier Letek musikaturiko “Izotz ondoko eguzki” hasieran: “Izotzak estali zuen gure Euskalerria mintzo ozenak zabaldu / berbizkun berria itzal-zokondoetan lore izotz bitxia bainan haren gainetik jauntzen eguzkia” eta Xabier Leteren “Nafarroa arragoa” ospetsua gero: “Nafarroa arragoa argiaren pausaleku haizearen ibiltoki zabal, hesirik gabea” 2.- Bigarren gertaldia.- Jarraian bigarren gertaldia etorri zen, gaia Nafarroaren konkista zelarik. Bost jelkaldiz osatua zen, bosgarrenetik bederatzigarrenera, hain zuzen. Xiberoko Zohardiakoek Jean Baptiste Elizanbururen “Sorlekua utziz gero” abestu zuten Joan Albret eta Katalina legezko errege-erreginek Biarnora egin behar izan zuten ihesa irudikatuz. Ondoren, 1512ko konkistaz eta hurrengo urteetako askatze saioez aritu ziren baita Albako duke malapartatua Iruñean sartu zeneko kontuak, dantzariek ederki irudikatua, eta Nafarroako Henrike II.ak nafarrak espainiarren aurkako matxinadara deituz biarnesez egindako aldarrikapen sutsua ere: “Ferdinand que gahè las nostas tèrras e lo noste pòple enta asservi´ue sosmete´ua un hat qui n´avem pa volut! La Navarra qu´estó panada! Que la nse cau tomar préner e tomar-la cap a la memòria deus nostes davancèrs gloriós, Haut! Cap ensús! Hilhs de Navarra,anem combater aqueth enemic qui ns´escana e qui´ns pana l´istòria” Isabelle Jauryk eta Kattalin Indaburuk ondoren Jean-Mixel Bedaxagarren “Nafarroa” izeneko jota hunkigarria abestu zuten: “Zazpietan lehena Nafarroa, Nafarroa, Nafarroa zazpietan lehena!” Bederatzigarren jelkaldian Bozateko agotez eta haien bizimodu baztertuaz eta gogorraz aritu ziren. Honen bukaeran zuberotarrek “Los cagòts de Gasconha” izeneko kantu ederra abestu zuten biarnesez: “Los cagòts de la Gasconha de la Sola e deu Labord que s´amassan en Navarra en ço deus de Bozate” Euskaraz jarririk: “Gaskoniako, Zuberoako eta Lapurdiko agotak Nafarroan biltzen dira Bozate herrixkan” 3.- Hirugarren gertaldia.- Hau eta gero hirugarren gertaldiari hasiera eman zioten, gaia Amaiurren hesitzea zela. Sei jelkaldiz osatua zen, hamargarrenetik hamabosgarrenera. Dantzak eta kantuak, bata bestearen atzetik, atsedenik gabe, burutu zituzten. Xiberoko Zohardiakoek”Txorittua norat hua” kantu herrikoia abestu zuten. Gero dantza gogoangarri baten bitartez 1521ean Noainen izan zen guduxka irudikatu zuten. Segidan, Amaiurko Gaztelu Taldekoek Lauaxetaren “Amaiur gaztelu baltza” ospetsua abestu zuten Berzaitzek egindako doinuari jarraiki: “Amaiur gaztelu baltz hori -berrehun gudari oso sumin- zaintzen zaituben zaldun onak Naparra aldez egin dabe zin.” Ustekabean, goiko harmailetatik oholtzara jaisten ari zen Amets Arzallus bertsulari hendaiarraren bertsoak entzun genituen. Beste izkina batetik Mixel Arotze zuberotarrak jarraitzen zion. Nafarroako lau sasoiez mintzo ziren. Momentu hunkigarriak izan ziren denontzat. Hamalaugarren jelkaldian zuberotarrek indar handiko “Erresuma eta amets galduen dantza” maisukiro dantzatu zuten. Momentu horietan gaztelu beltza izan zen tokian, aztarnen eta oroitarriaren inguruetan, bertan ziren amaiurtarrek su handia piztu zuten ordura arte gau hotzaren iluntasunetan egondako monolitoa argituz. Ikusle guztiok ari begira aritu ginen. Hamabosgarren jelkaldian Frantzisko Xabierrekoaren eta Iñazio Loiolakoaren arteko solasaldia irudikatu zuten: - Xabier: Besterik, agian zuk! Nire bidea argi zait. Aita etxean etsitua, ama gaxoa negarrez otoitzetan, anaie bat hilik Amaiurren, bertze bat preso… eta zuk uste duzu hola ahazten ditugula gure pairamenak… Ez, ez! Badugu oraino egitekorik bai Nafarroaren alde! - Iñazio: Xabier, euskaldun anaia, barkamendu eskatzen deiat ene mehatxu guziez. Utzi dezagun orain gure gaurko solasa… Jaunaren alea ixiltasunean baita hozitzen, hostotzen eta ondotik loratzen betiko… 4.- Laugarren gertaldia.- Laugarren gertaldia “Nafarroa betikoa”-z aritu zen eta zazpi jelkaldiz osatua zen, hamaseigarrenetik hogeita bigarrenera. Horra hor ikuskizuna jarraitzeko eman ziguten liburuxkan ematen diguten azalpena: “Kantuaren, dantzaren eta poesiaren bidez Nafarroa euskalduna zela azaltzen dugu beldurrik gabe. Agian beste ikuspegirik badago han edo hor bainan aztarnak eta testigu asko hor ditugu gure begien aurrean horren frogatzeko. Mendeurren honetan eskaini nahi ditugu gure kanta eta dantzak gure arbaso miresgarrier. Ez ditugu ahanzten eta haien ametsa gurea da ezin, kantuak dioen bezala: Oi Nafarroa betikoa!” Gertaldi honetan ere, aurrekoan bezala, kantuak eta dantzak izan ziren nagusi. Xiberoko Zohardiakoek Pier-Pol Berzaitzen “Amaiur herri kanta” sentikorra abestu zuten: “Arrano Beltzak egin du harrokan habia / euskaldunak Amaiurren beren ataria” eta Amaiurko Gaztelu taldekoek jadanik Amaiurreko himno bilakaturik den “Amaiur zintzo eta leiala” Egilea Jexux Urrutia da eta doinu egilea Fernando Cortijo. Kanta honetan Amaiur herriaren historia izugarri ongi laburbiltzen da. Ikus dezagun: 1.- Mila bortzehun ta hogeita bian Amaiurko gazteluan Kastillako erregearen kontra berrehun gudari leialak borroka bikaina egin zuten nafar askatasunaren alde 2.- Amaiurko gudarien leinua euskaldunek ez ahazteko mila bederatziehun ta hogeita bian monumentu bat goratu hogeita hamekan bota eta lauetan hogeita bian berritu 3.- Nafar ta euskaldunen zainetan odolik baldin badaukagu bertara joan beharko genuke denok batera elkarturik haien borrokak berpiztera askatasuna lortu arte errepika: Amaiur zintzo ta leiala herriak hala daki zure egoera gogoratuz borroka dezagun oraindik.” Ikusleen artean eserita zeuden amaiurtarrek ere beren jarlekuetatik lagundu zieten beraiekin batera eta sentimendu handiz kantatzen. Hurrengo jelkaldian, hau da, hamazazpigarrenean, Agosti Xahoren eta Antton Abadiaren arteko solasaldia izan zen. Laburra baina esanguratsua. Amaiera aldean, biek batera honako hau aldarrikatu zuten “Maria Solt eta Kastero” kantuaren doinuaz abestuz: “Euskal Herria zu zira aspaldian berexia zer ote duzu bekatia ala orano adamena ez duzia engoitik merexi zazpi anaien besarka?” Hemezortzigarren jelkaldian Bitoriano Gandiagak eginiko eta PierPol Berzaitzek musikaturiko olerki ederra kantatu zuen berak: “Hemen euskaldun izatea bezalako gudaririk ez dago! Hemen euskaraz irakurri eta euskaraz idaztea bezalako iraultzalerik ez dago Hemen euskara indartzea bezalak oindar politikorik ez dago Hemen euskara adinako desafiorik inperio zurrupariaren aurka ez dago / Hemen euskara adinako askatasunaren aldeko irxaro biderik ez dago.” Garbi azaldu zuten euskaldunon egiazko borroka euskararen ingurukoa dela, gure mintzaira dagokion ohorezko tokian jartzea, alegia. Euskarak askatuko gaitu. Ni ere horretan nago. Ondoren Petti abeslariak Xabier Leteren “Haizea dator” abestu zuen biziki doinu berezian. Honen ondoren, dantzari guztiak oholtzara igo eta sekulako dantza ederra eskaini ziguten bertan geundenoi. Amaitzeko, Amaiurko Gaztelu Taldekoek eta arizale guztiak batera, F. Cortijok eta Berzaitzek egindako “Nafarroa aiten lur ederra” abestia bihotzez kantatuz agurtu ziren: “Nafarroa, Nafarroa aiten lur hain ederra arranoa, arranoa, noiz bere hegaletan ikusiko dugu berriz bere zeruan haize honen arnasan?” Eta nahikoa ez bazen ere, Berzaitzek Leteren “Xalbadorren heriotzean” kantatzera gonbidatu gintuen bertan ginen guztiok, ikusleak zein arizale, musikari eta dantzariak. Musika hastean ikusleok eserlekuetatik altxatu, eta ahotsa eta sentimendua ateraz, kantatzen hasi ginen. Gogoangarria. “Non zaude?zein larretan Urepeleko artzaina?” 5.- Ikuskizunari buruzko gogoeta.- Ikuskizuna biribil-biribila atera zen, kalitate handikoa. Arizaleak, musikariak, kantariak, dantzariak… izugarri ongi aritu ziren. Berzaitzen ikuskizuna izan zela erran beharra dago, hastapenetatik bukaeraraino. Berzaitzek aspaldian erakutsi du horrelakoak eta pastoralak antolatzen eta gauzatzen maisu handia dela, nekez gaindi daitekeen maisua, eta Amaiurreko honetan ere garbi ikusi dugu. Liburuxka ongi prestaturik zegoen arren, hor ikusleok hutsune handia izan genuen, arratsak gauari tokia egin zionean, iluntasuna egin baitzen nagusi eta ez ginen gauza liburuan irakurri ahal izateko. Asko eta asko hor ibili ziren sakelako telefonoaz argituz eta irakurriz, baina alferrik, horrela ezin baikenuen ikuskizuna behar bezala jarraitu. Anekdota ttiki hau kenduta, gainerako guztia bikain atera zen. Zorion antolatzaile eta arizale guzti-guztiei, eta bereiziki amaiurtarrei horrelako ekitaldi ederra aurrera ateratzeko erakutsi dizkiguten ausardia eta kemenagatik. Euskaldunon ametsei leiho berri bat zabaltzen jakin dute, ametsetik libertatera eramanen gaituen leihoa, hain zuzen ere. JOSE MENDIAGA PASTORALA Arrokiaga herriak 1995ean jokatu zuen Jean-Louis Davantek idatziriko “Agirre presidenta” izeneko pastorala, garaian arrakasta handia ukan zuena. Hamazazpi urte berantago, beste pastoral bat prestatu dute. Horretarako Johañe Bordaxar herriko semeak idatzitako “Jose Mendiague” trajeria hautatu dute. Erran beharra dago hauxe dela Bordaxarrek idatzi duen bere lehen pastorala, nahiz eta jokatzean bigarrena izan. Iaz, aurrekoa baino berantago idatzi zuen “Telesforo Monzon” gogoangarria Larrainen jokatu baitzuten. Monzon Pastoralak izen eta bultzada handia eman dizkio Bordaxarri, eta lehen euskal kantagintzan famatua bazen, orduz geroztik pastoral-idazleen arteko eremura sartu da bete-betean, merezimendu osoz. Hori dela eta, zuberotarrek eta gainerako euskaldunok irrika handiz itxaro dugu Mendiaga –Mendiague frantses grafia ofizialean-- pastoralaz gozatzeko. 1.- Euri zaparradaren azpian.- Mendiaga pastoralaren lehen saioa uztailaren 29an, igandearekin, burutu zuten. Eguraldi ederra lagun, 3.500 ikusletatik gora Arrokiagako harmailetara hurbilduz iren. Trajeriak arrakasta ikaragarri handia erdiets izuen. Bertara hurbilduz irenek Jose Mendiaga koblakariaren historia eta Bordaxarrek egindako ikuskizuna izugarri preziatu zituzten. Pastoral ederra izan omen zen, zinez. Nik ezin izan nuen ikusi, igande hartan Baionako bestak izaki, Lapurdiko hiriburura egun pasa egitera joatea deliberatu bainuen. Horregatik, agorrilaren 5ean, igandearekin, Arrokiagara hurbildu nintzen pastoralaren bigarren saioa ikusteko asmoz. Aldez aurretik banekien, Allande Sokarros adiskideak erranik, Pirinioetan uda aldean horren ohikoa izaten den ekaitz handi eta basa horietako baten beldur zirela. Iñaki Martiartu adiskide bakiotarrarekin batera joan nintzen. Honek erran zidanez, Bizkaitik Lapurdira zetorrela, eta Gipuzkoa zehartzerakoan, izugarrizko zaparrada bota zuela. Urruñan, gure herrian, zerua estalita zegoen arren, ez zuen ematen horrelako ekaitz handia bota behar zuenik. Zuberoara iristean zerua ilun samar zegoela ikusi genuen, hodei beltzbeltzak nonahi, baina euriri kez. Goizeko 10,30etan meza hasi zen, baina Arrokiagako elizan izan beharrean, herriko arrabotean egin zen, hara joandako guztientzat tokia izan zedin. Frontoia laster bete zen. Meza hasi eta hamar minutu buruan euria has izuen. Hasieran euri arina zena laster eraso ikaragarri handia bilakatu zen eta horrela iraun zuen luzaz. Mezan geundenok begirada eta gogoa euri zaparrada hartan genituen, baita meza egiten ar izen apezak ere. Gure begiek urruneko mendietara begiratzen zuten eguzkia bilatzen edo…, baina ez zen esperantzarik igertzen Zuberoako zeru estali ilun haietan. Aldarearen gibelean eserita arizaleak, pastoralerako jantzita, zeuden. Haiek ere euri erasoari begira zeuden, triste, amorratuta, burumakur… Horrelako lana, horrelako grina… eta dena itota zen euri erauntsi hartan. Apezak predikuari hasiera eman zion, elizaren ohiko mezuz zipriztinduriko predikua izan zen. Arrabota betetzen genuenok, etsiturik, segitzen genion. Apezak, bera ere atsekabeturik, honela bota zuen: “Jinkoak pastorala maite dü, eta Arrokiagan egin düzien lan handia bozkarioz ikusten dü. Horregatik, hodeiak eramanen ditü eta ekia berriz ekarriko” Hura zen beren ahia, arrokiagatar atsekabetuei eman nahi zien itxaropenezko mezua. Miraria gerta zitekeen. Berak ere ez zuen horretaz gehiegi sinesten bere hitzak irri batez amaitu baitzituen. Ikus-entzuleok apezaren hitzak eta nahikaria eskertu bagenituen ere, etsipenezko irri batez ihardetsi genion. Horrelako eskaerak eta otoitzak egin arren, ez zuen inolaz ere atertu. Hortik guttira, eta apezak zuzendurik, “Jauna orhit zite zuin gütüzün maite” kantu ederraren barruan pastoralari buruzko kobla zenbait airoxki kantatu genituen: Pastoralaren hatsa da gureganatü eta lagün goxoak zelüan baratü. Oroitzapena dener deiküe paüsatü, gogoan ere mila opari landatü. Egüraldi eder bat egün abiatzen, kültüraren bidean jentea agertzen, mintzajea ütürri denak hor asetzen, arbasoen etxalte hola da handitzen. Bazirudien gure kantuak zaparradaren doinua estali behar zuela, estlai agian zenbaitetan bai, baina inola zere desagerrarazi, eta kantua bukatu orduko euri basa haren doinua inoiz baino ozenago entzun ahal izan genuen. Jadanik, eguzkia ikusteko itxaropen agure bihotzetatik alde egin azen. Mezari bukaera emateko ohiko anjelusa abesteari ekin genion: Goiz, arrats eta egüerditan, Ama laidatzen zütügü, aingüriaren hitzak betan, errepikatzen deitzügü. Anjelusa amaitzean lehengo egoera bera, frontoitik kanpo euri eraso ikaragarri handia eta aurpegi goibel-goibelak frontoi barruan geundenon artean. Ez zen inolako miraririk gertatu. Inor kez zuen kanpora ateratzeko imintziorik egin, ezinezkoa baitzen. Denok, apeza, arizaleak eta musikariak barne, gure tokietan, mugitu gabe, gelditu ginen. Zaparradak bitartean bere hartan jarraitzen zuen. Musikarik Türken martxa jotzen hasi ziren. Bertan geundenok bihotzez eskertu genien. Gero, lauzpabost bat doinu gehiago jo zituzten. Denbora igaroa hala, euria atertu ez, baina nabarmen guttitu zen. Hura zen itxarotako momentua. Arizaleak eta musikariak frontoitik ateraz iren, kanpoan zain zeuden artzainak eta kabaleak gehitu zitzaizkien, eta horrela, inon pausatu gabe, herriaren kanpo aldeko pentzetan ezarririk zuten agertokiraino joan ziren, gainerako guztiok, aterkia eskuan zabalik, gibeletik gindoazkielarik. Bidean asto bat zeraman gizonarekin hitz egin nuen. Biak atera omen ziren, duela hamazazpi urte, Agirreren pastoral famatu hartan. Bien adina zela eta, ez zuten Arrokiagaren hurrengo pastoralean ateratzeko itxaropen izpirik. Agertokia zegoen pentzera iritsi bezain pronto denok xapito azpian xerkatu genuen aterpe. Bazkaltzeko tenore azen. Euriak indar handiz jarraitzen zuen. Orduan zurrumurru goibela zabaldu zen. Arratsaldeko pastoral saioa bertan behera uzteko deliberoa hartua omen zuten. Tristea baina arrunt ulergarria. Hortik aurrera orduak etsipenezko monotoniaz igaroz iren: bazkariak, kafeak, Zuberoako kantu ederrak…, baina jadanik egunak ez zuen itzulbiderik. Arratsaldeko saioa hurrengo igandean egin beharko zen, ez zegoen beste irtenbiderik. Pittaka-pittaka jendea lokaztegi hartatik desagertzen hasi zen. Arizaleak arropaz aldatu ziren, musikariak isildu eta gauerako afaria prestatzen ari ziren ikastolako gurasoak, etsiturik, dena gordetzen hasi ziren. Arrokiagatarrek eta pastoralak bestelako egun eguzkitsua merezi zuten. 2.- Baina nor zen Jose Mendiaga? Hurrengo hitzordua agorrilaren 12an, igandearekin, etorri zen. Iñaki adiskidea Urruñar abila etorri zitzaidan eta elkarrekin Zuberoa alderantz abiatu ginen. Eguerdiko hamabiak ziren. Oraingo honetan Mendiagari buruzko pastorala ikusiko genuelakoan geunden. Jose Mendiaga Larregain 1845eko apirilaren 27an sortu zen Nafarroa Behereko Alduden herrian. Aita ziburutarra zuen eta ama aihertarra. Aita lanbidez aduanako langilea zen eta jarduera horrek eraman zuen sendi osoa Aldudera. Geroxeago lanbidez aldatu eta Hazparnera joan zen ostaler. Orduz geroztik han bizi izan ziren. Jose Mendiagak lau urte zituen orduan, eta hori dela eta, bere burua hazpandartzat jo zuen beti. Egoera ekonomiko txarra zela eta, Josek orduan euskaldun gazteen artean horren ohiko azen Ameriketarako bidea hartu behar izan zuen. Eta horrela 1863. urtean, hamazortzi urte zituela eta bere bi anaiaren arrastoari jarraiki, Uruguaira hasieran eta Argentinara gero joan zen. 1880an Uruguaira itzuli eta urtebete beranduago, hau da, 1881eko martxoaren 29an, Margarita Gandolla italiarrarekin ezkondu zen. Lau haur ukan zituzten eta bizimodua aurrera atera ahal izateko ostatu-pentsio bat hartu eta kudeatu behar izan zuten. Geroxeago Remigio Galdos adiskidearekin batera tabako lantegi bat kudeatu zuen. Jose Mendiaga beti izan zen euskaltzale eta abertzale handia, baita Ameriketan ere, euskarari atxikia, pilotaria, koblakaria eta kantaria. 1887an San Jose hirian Euskaldunak Bat izeneko elkartea sortu zutenean, Martin anaia izan zen lehendakari eta Jose bera idazkari. Ameriketatik bere bertsoak igortzen zituen euskal prentsara, Baionako Eskualduna eta Gure Herrian aldizkarietara, Los Angeleseko Californiako Eskual Herria zelakora, Buenos Aireseko Eskual Herria eta Haritza izenekoetara, eta abar. 1900 aldera, Jose Mendiagak eta haren familiak San Jose hiria utzi eta Montevideon finkatuz iren. 1937ko irailaren 12an bertan hil zen horrenbeste maite zuen Euskal Herri aberriz ikusi gabe. Euskaldunok bihotzean atxikirik ditugu Mendiagaren kantu zenbait, Kantuz sortu naiz eta Euskaldun guziak bat ezagunena keta hedatuenak ditugularik. 1992. urtean Piarres Xarritonek Mendiagaren bizipenak eta bertsoak biltzen zituen Zazpiak bat. Eskualdun kantuak izeneko liburu ederra plazaratu zuen. Ikusten duzuenez, Jose Mendiagak ongi merez izuen pastoral bat. Johañe Bordaxarrek eta arrokiagatarrek nolabait kitatu dute pastoral honen bitartez euskaldunok Mendiagarekin genuen zor handia. Mila esker, bada, Bordaxarri eta Arrokiagako herritar adoretsuei. 3.- Agorrilaren 12ko pastoral saioa.- Igandeko eguraldi txarra eta euri zaparradak astelehenerako desagertu ziren, eta berriz ere, eguzkia nagusi agertu zen Zuberoako eta Euskal Herri osoko zeruetan. Gainera, Ipar Afrikatik gurera iritsi zen haize beroak sekulako tenperatura handiak ekarri zituen. Aste osoan zehar bero ikaragarria egin zuen eta hurrengo iganderako, berriz ere, tenperaturak jaitsi ziren. Zuberoan erne ziren ea aurreko asteko euri erasoak errepika zitezkeen beldurrez. Zirimiri batek goizeko lehen orenak freskatu bazituen ere, eta urruneko mendietan hodei beltzak ikus eta trumoiak entzun bazitezkeen ere, ez zen hortik okerrera pasatu eta igandea inolako euririk gabe igaro zen. Arratsaldeko 3,30etan, puntu-puntuan, hasi zen, tturken martxaren doinu alaiaz pastoraleko arizaleak oholtzara igor zirenean. Harmailetan jende aunitz bazen ere, ez zen horrelako betealdia gertatu. Garatu beharreko historiaren laburpena egin zuen lehen perediküaren ondoren, lehen jelkaldietan Mendiagaren bizitza egituratzen hasi ziren. Gurasoak, Alduden sortu zenekoa, Hazparnera bizitzera joan zirenekoa, Hazparnen ezagutu zuten pobrezia, Martin eta Denis anaiak Argentinara eta Txilera joan zireneko une latzak… Historiaren hariak maisukiro josi zituzten eta horretan arizaleen lan bikainak, musikari on-onek eta Sophie Larrandabürük ikaragarri ongi zuzenduriko kantariek izugarri lagundu zuten. 4. jelkaldian Jose Mendiaga bera izanen da Ameriketara joango dena, euskal diasporarekin harremanetan sartuz. 5. jelkaldian satanak atera ziren lehen aldiz eta oholtzako ate gorriaren gaineko deabrüa dantzan hasi zen. Ondoren eta indar handiz ttürka andereak elki ziren euren makilak bortizki astinduz. 6. jelkaldian lehen güdüka izan zen. 7. jelkaldian bigarren güdüka egin zuten, bertan aurrez aurre aritu ziren borrokan Julio Argentino Rocaren soldaduak eta Patagoniako maputxeak. Azken horiek beraien lurrak defendatzen zituzten. Güdüka soldaduek irabazi zuten indioen kalterako. Sekulako triskantza egin zuten eta lurrean indio bat hilik gelditu zen. 8. jelkaldian emaztegaia ezagutu zuen eta 9.ean ezkondu ziren. Ezteiaren tenorean euskal giroko besta eskaini ziguten irrintzi eta guzti. Hortxe abestu zuten bosgarren kanthorea, Mendiagak egindako Kantuz ospetsua: “Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi. Kantuz igortzen ditut nik penak ihesi. Kantuz izan dudanean zerbeit irabazi. Kantuz gostura ditut guriak iretsi. Kantuz ni bezalakoak hiltzea du merezi.” Amaiera aldean laugarren kanthorea abestu zuten, Candombe para José izenekoa. Bi kantuek arrakasta handia erdietsi zuten ikus-entzuleen artean. Hurrengo jelkaldietan Uruguai eta Argentinan izandako gertakizun sozial-politikoen berri eman ziguten. Horretaz gain, Jose Mendiagak eta Margarita Gandolla emazte italiarrak edukitako seme-alabez aritu ziren, Remigio Galdos adiskidearekin zabaldu zuten tabako lantegiaz, pilotan aritu zeneko kontuaz, Juan Idiarte Borda euskalduna Uruguaiko lehendakari izendatu zutenekoaz eta abar. 13. jelkaldiaren hondarrean Jose Mendiagak lehendakariaren alde egindako koblak kantatu zituzten: “Nahi gabe ezartzen zaituzte ohoretan, Euskal Herrietako moda ederretan, erakuts diezozute obra guzietan ez zirela bakarrik –vasco- arropetan, euskaldunen odola duzula zainetan.” 14. jelkaldian Uruguaiko zuri eta gorrien arteko güdüka jokatu zuten, bi aldeetan hilak izan zirelarik. Jelkadiaren bukaeran alderdikide zuen Abelino Arredondo euskaldunak Juan Idiarte Borda lehendakaria tiroz hil zuen. 15. jelkaldian Mendiagak gazte-gaztetik miresten zuen Jan Batista Otxalde bertsolariaren heriotzaren berri eman zuten. Gorrien aldekoa zenez, Hargindegi apezak ez zuen Bidarraiko elizan haren aldeko elizkizunik egiten utzi. Antxordoki auzapezak ere ohore guztiak ukatu zizkion. Mendiagak albiste tristea jakin zuenean egindako bertso ederrez amaiera eman zioten jelkaldiari: “Hau da nik Otxalderi eman dudan meza; bakotxak bere partez hoinbertze egin beza! Inkomodatu gabe elizan apeza, zoin gure etxetarik eginez otoitza, Jainkoak bertsulariak zeruan har bitza!” 19. jelkaldian 1912ko agorrilaren 15ean, Montevideoko Euskal Erria izeneko elkartearen egoitzan bildu ziren erromerian Uruguaiko hiriburuan bizi ziren euskaldun franko, Jose Mendiaga beraien artean zegoelarik. Denetik izan zen bertan, fandangoa, arin-arin, euskal kantuak… 21. jelkaldian euskal artzainak Hazparneko Ursuia mendian bildu ziren kantuz. Oholtza aurreko harmaila pentze aldapatsu batean zegoen -eta hortxe geunden gu jarririk-; goiko aldean, azken harmailetatik hogeita bost bat metrotara artaldea zegoen lasai ederrean bazkatzen. Artzainek eta artzain-orak ardiak jaitsi eta oholtzara igo arazi zituzten. Osora hamabost bat artzain ziren asto eta guzti, pastoral guztietan usantza den bezala. Jean Bordaxarrek egindako kanthore ederra, Artzainak kantan izenekoa abestu zuten eta gero taloak ikus-entzuleengana jaurti zituzten. “Egün artzainak kanta goratik gure filosofia, zelüan argi, bihotza laxü, güne paregabea. Ahaire batek emaiten deikü agoñü berezia, kanta goratik egün artzainak gure libertatea.” 22. jelkaldiaren amaiera aldean, Maider, Maialen eta Beñat Larrori anaia-arrebek gaztelaniazko Virgen Morenita izeneko kantu xarmangarria abestu zuten. Egiazki ederra eta zoragarria izan zen. “Virgen Morenita, india te llamamos por que india tu naciste por la gracia de Dios. Así somos esclavos de tu bondad divina, así somos esclavos de tu infinito amor.” “Andramari Beltzarana, indiarra deitzen dizugu Jainkoaren doaiaz beltzarana jaio baitzinen. Zure eskuzabaltasunaren gatibu gara, zure mugagabeko amodioaren gatibu gara.” Larroritarrak betidanik izan dira kantari on eta ospetsuak Zuberoan. Aita, René Larrori Arrokiagako Munaut etxaltekoa, Irurira ezkondu zen, eta hori dela eta bi herri hauetan jokatu dituzten pastoraletan parte hartu du, eta ez nolanahi gainera. 1995ean Arrokiagak jokatu zuen Agirre presidenta gogoangarrian süjeta izan zen, eta Agirre lehendakariarena ederki egin zuen, hitzez eta kantuz. 2001ean, Irurik jokatu zuen Etxahun-Iruri pastoralean süjeta izan zen, berriz ere, Etxahun-Iruri pertsonaiarena eginez. Oraingo pastoralean Uruguaiko Juan Idiarte Borda lehendakari euskaldunaren papera jokatu zuen, beti bezain ederki. Seme-alabek ederki erakutsi zuten aitaren ezpalekoak zirela, hau da, munautarrak. Kantua eta gero Argentinako dantza eder batez amaiera eman zioten jelkaldiari. Azken jelkaldian, hau da, 24.enean, Mendiagaren heriotzaren tenorea izan zen. Bertan aritu ziren süjeta et agertuko senideak, Martin eta Maruja seme-alabak, haren suhia, bilobak, apeza eta aingüriak. Azken horiek honela kantatu zioten heriotzaren orduan: “Zelüko bortak ideki bihotz hon den jenteari. Kültürer zabal denari Jinkoak düke opari” Ondoren 11. kanthorearen txanda izan zen, Mendiagak egindako Euskaldun guziak bat izenekoa abestu zutelarik: “Gure aitamen aitek erranak behar ditugu sinetsi, ez dela behar gure Herrian euskara baizik onetsi, euskaldun sortu, euskaldun bizi, euskaldun hil eta ehortzi. Munduan hori egiten duenak zerua duke merezi” Aingüriak buruan zihoazela, senideek Mendiaga eraman zuten paradisuzko ate zuri zabalerantz. Denek kantatzen zuten Mendiagak eginiko Kantuz liluragarriaren azken bertsoa, baita ikus-entzuleetako aunitzek ere. Unea sentimendu handikoa izan zen, zirraragarria, magikoa. Nire gibelean ziren bi emakume hazpandarrak negarrez ari ziren. “Kantuz ehortz nezaten hiltzen naizenian, kantuz ene lagunek harturik airian, kantuz ariko dira ni lurrean sartzian, kantu franko utziko diotet munduian kantu egin dezaten nitaz oroitzian.” Ate zuria ixtean dantzariak atera ziren oholtzara agur dantza zoragarri eta koloretsu bat eskaintzeko. Patagoniako kutsua zuen. Dantzarien artean hiru banderari. Lehenak euskal ikurrina astintzen zuen, bigarrenak aitzinean Zuberoako bandera eta gibelean Lapurdikoa zeramatzana, eta hirugarrenak aitzinean Uruguaikoa eta gibelean Argentinakoa zeramatzan bandera bikoitza. Dantza ederra izateaz gain, kolore eta indar handikoa izan zen, biziki plastikoa, jendeak esku sarta handiz saritu zituena. Gero, azken perediküak bukaera jarri zion trajeriari. Ondoren ohiko antxerak izan ziren. Zuberoako zortzi bat herrik dirua eskaini zuten norgehiagoka, Sohüta, Atharratze, Iruri, Barkoxe, Larraine… tartean zirelarik. Azkenean Sohütak irabazi zuen 1.100 eurorekin. Oroit dezagun uztailaren 29an izan zen lehen saioan Barkoxek irabazi zuela 2000 euro eskainirik. Sohütarrak pozik zeuden antxerak irabazita, beraiek eginen baitute hurrengo urteko pastorala, Rene Cassin baionarra süjetatzat edukiko duena. Berehala musikariak antxeren ondoren jotzen dituzten ohiko bi dantzak jotzeari ekin zioten: Muñeinak eta Aintzina pika. Harmailetan ziren sohütarrak oholtzara igo ziren eta airoxki dantzatzeari lotu zitzaizkion. Ongi erakutsi zuten Sohütak dantzari onak dituela, hurrengo urteko pastoralean ere aukera ezin hobea ukanen dute beraien trebezia erakusteko. Ene ustez, Mendiaga pastorala ederra izan da, bai arizaleen jokoan, bai dantzetan eta zer esanik ez kantuetan ere. Garbi dago Johañe Bordaxar pastoralgile trebea izan aurretik kantari fina izan dela, eta urte luzetan horrela jarrai dezan. Kantuek leku handia bete dute pastoralaren barruan, bai Mendiagaren bertsoek eta baita Bordaxarrek egindako kantuek ere. Bordaxarrek jokatu dioten bigarren pastoral honetan ederki erakutsi du jadanik maisu handia dela pastoral kontuetan. Bere trajeriaz sentimendu handiaz janzten ditu, eta biziki ongi daki historiaren ildoa arizaleen jokoaren bidez helarazten. Pastoralak badu pastoralgile emankorra Bordaxarrengan, hurrengo urteetan frogatuko digun bezala. Alabaina, esan beharra dago, pastoral honen arrakasta ez dela bakarrik Bordaxarren luma finaren bitartez etorri. Fabian Lexardoi errexentak izugarri ongi zuzendu du, musikariak izugarri ongi aritu dira, Sophie Larrandabürük kantariak zuzentzen egindako lana mundiala izan da, arizaleen jokoa distira handikoa, kantariek ahal zuten guztia eman dute… Orotara harturik, pastoral ederra eta biribila atera zaie, urte luzetan Zuberoan eta gainerako euskal lurraldeetan oroituko dutena. Ene zorionik beroena luzatu nahi diet aipatu ditudan guzti-guztiei, eta nola ez, baita Zuberoa osoari ere, urtez urte horrelako trajeria ederrak jokatzeko eta plazaratzeko egiten duen lan animaliagatik. Pittaka-pittaka oholtzatik urrunduz jendea xapito azpian jarritako ostatura hurbildu zen, eta han izan ziren eztarria bustiz eta kantatuz ikastolakoek antolaturiko afariaren zain. Pastorala ederra bada, ostatuan emandako pastoral ondorengo momentu horiek ere aski goxoak izaten dira. Adiskide zaharrekin hitz egiteko uneak izaten dira, umore onean eta aldarte hobean igarotzeko tenorea. Gu ere bertara hurbildu ginen, eta han izan ginen oren batez edo, batekin eta bestearekin mintzatzen. Allande Sokarros adiskideak Oloruen gertatutako xelebrekeria kontatu zidan. Hango etxe batean ba omen zen oilar oso goiztiar bat, haren kukurrukuaz herri osoa iratzartzen zuena. Zenbait bizilagunek eskakizuna aurkeztu omen zuten herriko etxean, oilar hori isilarazi zezaten, eta okerrena, Iturri izeneko alkateak eskakizuna onartu eta oilarra isilarazteko agindua eman omen zuen. Alde batetik arrunt barregarria egin zitzaidan gertakizun hura, baina beste aldetik natura osoa izorratzen ari diren urbanita horien beste balentria bat zela ikusi nuen. Tristea eta penagarria. Urbanita horiek ez dira geldituko planetako azken erreka porlanez bete arte. URRUÑAKO ETXE IZENEN AZTERKETA Badakit egiazko azterketa bat egiteko karrika guztietako eta baita kanpo aldeko baserri eta etxeen izen guztiak ere –zaharrak bederen-aztertu beharko nituzkeela, baina horrelako informaziorik atzeman ez dudanez, Urruña zaharreko kale nagusietako etxe izenekin konformatu behar izan dut. Beraz, oraingo azterketa hau lagin bat da, besterik ez, baina esanguratsua gisa berean, erdialdean dauden etxe gehienak –ez denak-Urruñako zaharrenetakoak baitira. Beraz, aztertu ditudan plaza eta karrikak hauek dira: Jean Fourcade karrika, Herriko Plaza, René Soubelet plaza, Bernard de Coral karrika, Clement Laurenzena karrika, Dongaitz Anaiak karrika, Ama Sokorrikoa karrika –eskolaraino- eta pilota-plaza gibeleko karrika ttipia. Aunitzetan etxe izenetan erabilitako grafia zaharkitua da edota frantsesa, nik lehentasuna gure mintzairari eman diot, eta beraz, izen guztiak euskaraz, gaurko grafiaz, idatzi ditut. Euskal toponimia biziki aberatsa eta zehatza da, leku baten deskribapen ezin hobea egiten diguna. Etxe izenekin gauza bera gertatzen da. Izenak etxea deskribatzen du, nolakoa den, non dagoen, zein den bere nagusia, nor bizi den bertan, zein den bertan bizi denaren lanbidea… eta abar. Azterketa hau modu aunitzetan egin zitekeen, baina nolabait egin behar zenez, nik honako multzoak hautatu ditut: 1.- -BAITA ATZIZKIA Atzizki honek etxea norena den erraiten digu. Aunitz erabiltzen da Urruñan eta Urruña inguruko herrietan baita Bidasoa inguruan ere. Urruñan, Biriatun, Hendaian, Azkainen, Ziburun, Donibane Lohizunen,... da Lapurdin gehienik erabilia eta Nafarroa Garaian: Beran, Lesakan, Sunbillan… –ENEA atzizkiaren baliokidea dugu. Atzizki hau da Urruñan, etxeetan zein baserrietan, gehien erabiltzen den atzizkia. Ikus dezagun zerrenda: Etxea Beste izenak Non Altza-baita – Jean Fourcade Antton-baita Galtzaundi-baita Jean Fourcade, 14 Bertrantto-baita – Jean Fourcade Birun-baita Labo-baita Jean Fourcade, 16 Erlande-baita (Etxe honetan bizi zen Jean Fourcade) Jean Fourcade Galtzaundi-baita Antton-baita Jean Fourcade Gazte-baita (1767 urtea markatzen du bertan) Jean Fourcade Kokolo-baita Lauren-baita Jean Fourcade Lauren-baita Kokolo-baita Jean Fourcade Labo-baita Birun-baita Jean Fourcade Larramendi-baita – Jean Fourcade Mixel-baita – Jean Fourcade Pello-baita – Jean Fourcade Zugasti-baita – Jean Fourcade Akarreta-baita Akarreta Herriko Plaza Paulo-baita Etxeberri-enea Herriko Plaza Aida-baita Xurdin-baita René Soubelet Borda-baita Paskual-baita René Soubelet Bortuste-baita – René Soubelet Domintxe-baita – René Soubelet Malo-baita – René Soubelet Paskual-baita Borda-baita René Soubelet Xurdin-baita Aida-baita René Soubelet Bernat-baita – Bernard de Coral Etxepare-baita Beherekoetxea Bernard de Coral Frantxes-baita – Bernard de Coral Gorra-baita – Bernard de Coral 2.- -ENEA ATZIZKIA -Baita atzizkiaren sinonimoa edo baliokidea da. Urruñan –baita atzizkia de gehien erabiltzen dena, baina, hala eta guztiz ere, ez dira gutti Urruñako azterketa honetan agertzen diren –enea atzizkiaz osatutako etxe izenak. Ondasuna adierazteko erabiltzen da, hau da, etxea norena den, edo nor den bertan bizi dena, edo zein den bertakoaren lanbidea edota nondik etorria den… eta abar. Ikus ditzagun: Etxea Beste izenak Non Arotzenea – Jean Fourcade, 45 Xaharranea – Jean Fourcade, 5 Xaskito-enea – Jean Fourcade Etxeberri-enea Paulo-baita Herriko Plaza Perotxenea – René Soubelet Dongaitzenea – Bernard de Coral Errekartenea – Bernard de Coral Garatzenea Apezetxea Bernard de Coral Hiriartenea – Bernard de Coral Ordotzenea – Bernard de Coral Pexenea – Bernard de Coral Prestuenea – Bernard de Coral Bastoenea – Clement Laurenzena Aragorrienea (1724 urtea idatzirik bertan) Ama Sokorrikoa Beltzakoenea – Ama Sokorrikoa Martin-enea – Ama Sokorrikoa Migelenea – Ama Sokorrikoa Mixelapezenea (1892 idatziriki) Karrera-baita; Karrerenea Ama Sokorrikoa 3.- -ARTE ATZIZKIA Atzizki hau erabiltzen da etxea –kasu honetan- zerbaiten artean dagoela azaltzeko. Ikus ditzagun topatu ditugu adibideak: Etxea Beste izenak Non Denen arte – Jean Fourcade, 39 Izaar arte – Jean Fourcade, 29 Istilartenea – Dongaitz Anaiak Lora artean – Ama Sokorrikoa 4.- -ALDE ATZIZKIA Atzizki hau oso erabilia da Euskal herri osoan. Bitxia bada ere, Urruñako azterketa ttipi honetan hiru etxe izen topatu ditut bakarrik. Etxea zeren aldean dagoen adierazten du. Etxea Beste izenak Non Larrunaldea (1970 urtea idatzirik. Eguzki-erlojua du) Jean Fourcade, 22 Elizaldea Xurdin-baita; Aida-baita Bernard de Coral Iduzki-alde – Pilota-plazaren gibelean 5.- -ONDO ATZIZKIA Atzizki hau aurrekoaren antzekoa da. Etxea zeren ondoan dagoen adierazten digu. Bi bakarrik topatu ditut. Etxea Beste izenak Non Etxondoa – Jean Fourcade, 20 Akarreat ondoa – Jean Fourcade, 2 6.- -BERRI ATZIZKIA Atzizki honek etxe hori bere izeneko beste baten ondoan eraikitako etxe berria dela azaltzen digu. Hiru topatu ditut. Etxea Beste izenak Non Uralde-berria – Jean Fourcade Pexene-berria – Bernard de Coral Kaminobaita-berria – Clement Lauenzena 7.- -BURU ATZIZKIA Etxe hori bere arloan lehena dela azaltzen digu. Azterketa honetan bakarra topatu dut. Etxea Beste izenak Non Karrikaburu – Ama Sokorrikoa 8.- -TEGI ATZIZKIA Atzizki hau anitz erabiltzen da Euskal Herri osoan tokia azaltzeko. Urruñako azterketa honetan, bitxia bada ere, bakarra topatu dut. Etxea Beste izenak Non Haroztegia – Bernard de Coral 9.- -XILO ATZIZKIA Euskal Herriko luze-zabalean anitz erabiltzen da. Aldaera ugari ditu: xilo, zulo, txulo… Azterketa honetan bakarra topatu dut. Etxea Beste izenak Non Kixiloa Etxetoa Clement Laurenzena 10.- ETXE OSAGAIA Euskaldunon etxea azaltzeko daukagun hitz bakarra izugarri erabiltzen da gure toponimian. Azterketa honetan sei topatu ditut. Etxea Beste izenak Non Apezetxea Garatzenea Bernard de Coral Basetxea (frantsesez Granje) Bernard de Coral Beherekoetxea Etxepare-baita Bernard de Coral Etxepare-baita Beherekoetxea Bernard de Coral Etxetoa Kixiloa Clement Laurenzena Herriko etxea – Herriko Plaza 11.- ELIZA OSAGAIA Osagai hau ere oso ohikoa izaten da gure toponimoetan. Azterketa honetan bi topatu ditut. Etxea Beste izenak Non Elizaldea Xurdin-baita; Aida-baita René Soubelet Elizartzea – René Soubelet 12.- BESTELAKO ETXE IZENAK Atal honetan karrika eta plaza hauetan topatutakoen artean sailkatu gabe geratu zaizkidanak sartu ditut. Horra hor: Etxea Beste izenak Non Irigoin (1642 urtea bertan idatzirik; (h)iri + -pgoin atzizkia hau da, hiriaren goiko aldean dagoena) Bertrand de Coral Agur – Jean Fourcade, 34 Azkenean – Jean Fourcade, 38 Bakea – Jean Fourcade Bixta Eder – Jean Fourcade Elorrio – Jean Fourcade, 30 Ez da goizegi – Jean Fourcade Gure Txoko – Jean Fourcade, 36 Itxaropena – Jean Fourcade Koinieria – Jean Fourcade, 1 Posta – René Soubelet Akarreta – Herriko Plaza Gure Doia – Ama Sokorrikoa Lehena Sokorri – Ama Sokorrikoa ITSASUKO KABALKADATOBERA. IRAUL-STORY Kabalkada eta toberen arloan Itsasu da txapeldun. Ezagutzen ditugunez, urte hauetan egin du tobera: 1849an, 1859an, 1865ean, 1876an, 1883an, 1889an (azken momentuan auzapezak debekatua), 1892an, 1899an, 1922an (hau hasi bazen ere, azkenean jaun erretoreak debekatu zuen), 1937an (Gerasto auzoan), 1992an, 1994an, 1997an, 2001ean eta 2007an. Eta aurten, ere, 2012ko agorrilaren 19rako, igandearekin eta besta kari, prestatu zuten. Azken hau Menditarrak Herriko Besta Komiteak, Ataitze Dantzari Multzoak eta Kafos Antzerki Taldeak , herriko etxearen laguntzaz, antolatu zuten. Beñat Lazkano gazteak idatzi zuen, lau gertalditan banatua zen eta Iraul-Story izenaz bataiatua zuten. Arratsaldeko 3,30etan hastekoa zen, baina sarrera eta toki ona hartzeko ordu bietarako han nengoen. Eskerrak horri, ordubiak eta erdirako agertoki moduan prestaturik zeukaten pilota plazan ezarritako harmaila guztiak bete-beteak baitzeuden. Gu, eguzkiak berotzen ez zituen harmailetan eseri ginen. Hiruak eta erdietan kabalkada alai koloretsua jendez mukuru zen agertokira sartu zen. Aurrean zaldiz, kapitaina, lietenanta (tenientea) eta beraien emazteak zihoazen. Ondoren, oilarrak izeneko pertsonaiak, urdin argiz jantziak, kapela luzeez horniturik eta puntan metalezko oilar bat zeramaten makilak eskuan. Hauen gibeletik ohiko zapurrak beraien jantzi berezirekin. Lapurdiko ikurrina zeramaten bi banderari ondoren., mi makilari ohiko arropa gorriaz jantzirik, soinulariak –hamabiren bat-, bolanta koloretsuak, basandereak, andere xuriak aurpegia oihal txuri batez estalirik, kaskarotak, dantzarisak, dantzari hasi berriak, lehengo gazteak arropa eta txapel beltzez, lepoan mukanesa gorria zeramatela, auzitegiko pertsonaiak: epailea, Pinet prokuradorea, Cavaignac huxerra eta prozesuan salatutako itsasuarrak. Kabalkadaren amaieran zirtzilak, ohikoa izaten den bezala. Osora berrehun lagun inguru. Sartu orduko lehen dantza jauziak dantzatu zituzten, garai batean egiten zen bezala, hau da, urratsak markatu gabe, gogoz. Arizaleak plazatik desagertzen ari zirela, Odei Barroso eta Battitt Crouspeyre bertsolariak giroa berotzen hasi ziren ironiaz beteriko bertsorekin. Gero bi makilariek euren trebezia erakutsi zuten sekulako saio ederra burutuz. On-onak biak. 1.- Lehen gertaldia.- Hau eta gero, lehen gertaldiari hasiera eman zioten. Oholtzan, herriko izena agertzen zuen txartel handia jarrita zeukaten: Itsasu. Film historiko bat --telerrealitate deitzen zutena- egin nahi zutela eta, produktorea eta kamera-gizonak frontoiko bazter batetik bestera zebiltzan gelditu gabe. Horixe zen estakurua Frantziako Iraultzaren garaiko Itsasu herria eta XXI. mendeko hastapenetakoa uztartzeko. Lehen gertaldian frantses iraultzaileak Itsasura etorri ziren euren idealekin eta euren gillotinarekin. Askatasunezko, anaitasunezko eta berdintasunezko mezu horien azpian sekulako gorroto eta bortizkeria ezkutatzen zituzten. Han azaldu ziren Madame Gillotina eta guzti. Berehala hasi ziren euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren kontrako erasoak. Izena ere aldatu zioten herriari, oholtzan jarrita zegoen Itsasu kenduz eta L¨Unión ezarriz. Pinet prokuradore fanatikoak Louis XVI.aren burua erakutsi zuen harro. Horrelakoetan sartzeko prest ez zeudenak atxilotu eta gillotinara bidaltzen zituzten. Hori egin zuten frantses bilakatu nahi izan ez zuen emakume batekin. Halaber, frantses iraultzaileek frontoiko sarean pankarta handi bat zintzilikatu zuten. Bertan hauxe irakur zitekeen: “Hau ez da Euskal Herria, hau Frantzia da.” Gertaldia bukatu ondoren hiru mutilek gitarraz 1788an Martin Hirigoien Haitziakoak idatziriko Oihanian eder arbola izeneko kantu polita abestu zuten. Olivier Larrondek egin zuen doinua: Oihanian eder arbola, ni ez naite bizi hola. Bihotzetik ekhartzen dizut nigarrarekin odola. Oi ez naiteke kontsola, hilik ere ez dut axola. Gero dantzariak atera ziren eta Ahurtiko makil-dantza, Ezpeletako makil-dantza eta hiru makil ttiki eskaini zizkiguten. Bikainak denak. Gero antrexata baten doinuaz agertokitik ilki ziren. Horiek atera orduko kaskarotak sartu, eta urratsak markatu gabe, Teilagorri eta Atxoarena dantzatu zituzten. 2.- Bigarren gertaldia.- Dantzariak erretiratzean bigarren gertaldiari hasiera eman zioten. Apeza herritik bidali eta iraultzaile arrotzek erlijio zibil berri bateko apez moduko bat ekarri zuten. Hauen zeregina iraultzaren baloreak zabaltzea zen. Bitartean, itsasuarrek giristino mezu klandestinoetara joaten jarraitu zuten. Apez errepublikano horrek meza ematen zuen Marsellesaren doinuaz eta Lepoak moztu ta segi aurrera! kantatuz. Frantsesak Espainiaren aurkako gerra prestatzen hasiak ziren, eta horretarako Ipar Euskal Herriko mutilak armada errepublikanora deitzen hasi ziren. Euskal mutil franko Hegoaldera pasatu ziren frantsesekin batera ez borrokatzeko. Hori dela eta, frantsesek Lapurdiko zenbait herri -Senpere, Azkaine, Sara, Ainhoa, Kanbo, Ezpeleta, Luhuso eta baita Itsasu ere- herri ezduintzat hartu zituzten. Euren ondasunak ostu zizkieten, etxeak suntsitu, eta biztanleak Landetara igorri zituzten. Osora 250 familia landetaratu zituzten. Handik zenbait urtetara itzultzeko baimena eman zietenean, dena ebatsita eta etxeak erreta topatu zituzten. Bigarren gertaldia amaitzean Artzain ardijalea dantzari izeneko dantza zaharra eskaini zuten. Braile itxuran dantzatu zuten. Badirudi iraultzaren garaian Ezpeletan emana izan zela dantza hau, orduko gertakari lazgarriak salatzeko. Ondoriozko zapalketa gogorra izan zen eta frantses iraultzaileek dantza horren aferan parte hartu zuten bi pertsona exekutatu zituzten. Haien oroitzapenez eta frantses iraultzaileek Euskal Herrian eraildako guztien omenez eta ohorez dantzatu zuten. Gero bertsolarien bigarren saioa izan zen, eta horien gibeletik dantza ederrak eskaini zituzten: Gabota Luhuso eta Makeako moduan, Uztaritzeko maska dantza, Euskaldunak eta Sorginak eta Kanboko Kaskarot Martxa. 3.- Hirugarren gertaldia.- Mugan armada frantsesa kokatu zela eta, soldadu frantsesek Itsasuko ontasun guztiak konfiskatu zituzten. Itsasun elizako urrea lapurtu nahi izan zuten eta horretarako zenbait soldadu igorri zuten herrira. Soldaduak iristerako elizako urrea desagertua zen, norbaitek hartu eta Okazberroa izeneko etxean atxiki baitzuen. Soldaduek Iharur errienta (maisua) izan zela pentsatu eta berehala atxilotu egin zuten. Zangoak erre zizkioten urrea non zegoen erran ziezaien, baina honek ez zien inoiz aitortu urrea bere etxeko paretetan gordeta zegoela. Bada istorio bat Itsasun, belaunaldiz belaunaldi igaro dena. Istorio honen arabera, Aldudeko Perkain pilotari famatuak askatu omen zuen Iharur maisua. Hori dela eta, toberan horrela idurikatu zuten. Iharur errientaren gertakizun hori zela eta, hor ibili ziren itzulimitzulika trabatuta zeukaten gillotinarekin. Ustekabean gillotina jaitsi eta hurbil zebilen Pinet prokuradore zitalari zakila eta koskoilak moztu zizkion. Jokin Irungarai zen Pinet-en larruan zebilen arizalea, eta hor ibili zen pitokeriak egiten, galdutakoak sorturiko oinazeak eraginda. Umore handiko momentuak izan ziren. Ikus-entzuleok barre algara handiak egin genituen. Gertaldiaren bukaeran dantzak: Eskotixa, kadrillak, mazurka… Osora 136 dantzari aritu ziren. Amaitzeko makilariak hor ibili ziren trebezia handiaz. 4.- Laugarren gertaldia.- Iraultzaren garaian hasitako kolonizazioa gordin salatu zuten, eta iraultzaile odoltsu haien metodoen berri eman ziguten: antzerki patriotikoak, frantsesaren ezarketa eskoletan, euskal kulturaren folklorizazioa, euskal nortasunaren ukazioa, askatasunezko arbola errepublikanoen landatzea, … Herritarrak erantzuten hasi ziren, arbola haiek mozten, bertsoak egiten, antzerki patriotikoak zapuzten… Euskal Herria desagertarazi nahi zuten, baina mirakulu badirudi ere, gaurko egunera arte bizirik iraun du. Kontestu honen barruan azken hauteskundeetan Sarkozyk itsasura eta Baionara egindako bisita famatuak idurikatu zituzten umore handiaz. Gertaldia bukatzean dantza luze, fandango eta arin-arin ezin ederragoak dantzatu zituzten. Herritarrek frantses iraultzaileek frontoiko sarean ezarritako pankarta kendu eta haren ordez beste bat ezarri zuten. Honela zioen: “Hau ez da Frantzia, hau ez da Espainia, Euskal Herria da” Oholtzan iraultzaileek L `Unión izenarekin jarritako txartela ere kendu zuten eta hasierakoa, hau da, Itsasu agertzen zuena, berriz jarri zuten. Une horretan 140 dantzari azaldu ziren agertokian eta Makeako soka-dantza dantzatzeari ekin zioten. Gero bertsolarien azken saioa etorri zen, eta horren ondoren azken kantua, Peio Ozafrainek egindako Iraultza izenekoa. Azken kobla gisa Piarres Adame idazle saratarrak egindako bat ipini zuten. Ikus dezagun lehena: Dela berrehun urte, zer gertakaria geldituz erregeren indarkeria. Han iraultzalariek egin oroigarria, orduan buru mozte ikaragarria. Haien tresneria plazan jarria, oi afruskeria! Hartan galdu zen jendearen irria. Kantua eta gero kabalkada, berriz ere, sartzean bezain ederra eta koloretsua, eta ondoren mutxikoak denontzat. Ikusleak altxatu eta mutxikoen biribil kontzentrikoetan barneratu ziren oren erdi batez. Itsasura hurbildutako askok hango ostatuan egin taloak afaldu zituzten. Gero adiskideekin solasak eta kantuak etorri ziren, Euskal Herriko edozein bazterretan ohitura izaten den bezala. Itsasuko tobera hau ez ohikoa izan dela aitortu beharra daukat, ez baitzen inolako auzirik egin. Haren ordez, filma egiten ari ziren aitzakiaz, Itsasun eta Iparraldeko herri guztietan egindako kolonizazioaren salaketa gogorra izan zen. Toberak zama politiko handia zeukan. Umorez egindako tobera izan arren, Herri honekin frantsesek egin eta egiten duten ukazio ikaragarria plazaratu zuten gordintasun osoz. Seguru ez zela frantximanten gustukoa izan, baina euskaldun bizitzen jarraitu nahi dugunontzat egin beharreko salaketa izan zen. Itsasuarrek, berriz ere, euskaldun, euskaltzale eta tobera-egile apartak direla erakutsi digute. Ainitz urtez horrela izan dadila! KUXKUXTU TXARANGA. EUSKAL BAZTERRAK PIZTEN Nork ez du Kuxkuxtu txaranga ezagutzen? Nork ez du inoiz kantatu edota dantzatu berarekin? Ziur aski horrelakoak gutxi izanen dira, Kuxkuxtu arrunt ospetsua baita Euskal Herriko luze-zabalean. Gaur Urruñako bestetan, bihar Herri Urratsen, etzi San Ferminetan, etzidamu Baionako karriketan… Horrela dabiltza, han eta hemen, hemen eta han, euskal bazterrak pizten, euskal bihotzak alaitzen. Eta ez da gutxi. Duela hogeita hamahiru urte inguru, laupabost musikari bildu eta Baxenafarroan, Duzunaritzeko jaien aitzin etxez etxe ibili ziren diru eskean. Gehienak Urruñako Herburua auzoan bizi zirenez gero, horrela jarri zioten izena bat-batean sortutako txarangari: Herburuko txaranga. Patrik Mitxelena “Mixu” musikari ospetsua ere --2009ko urtarrilaren 2an zendua--, taldean ibili zen. Garai hartan, Sustrai taldearen Mustafa kantua abesten zutelarik, ikus-entzuleek, kantua hasi aitzin, Kuxkuxtu! Kuxkuxtu! (Makurtu! Makurtu!) oihukatzen zuten, eta hortik datorkio orduz geroztik txarangak eraman duen izen berria: Kuxkuxtu txaranga. Ikus-entzuleak kuxkuxtarazten bazituzten ere, Kuxkuxtukoek kanta-kantari jarraitu dute, burua kuxkuxtu gabe, euskal nortasuna defendituz eta zabalduz. Urtero hirurogei bat ateraldi egiten dituzte eta leku guztietan izugarri maite dituzte. Kantua eta musika maisukiro uztartzen dituzte eta euskal kantuaren inguruan euskal geografia osoan ematen ari den mugimendu zabal horretan beraiek izan dira hazi-eraile eta aintzidari. Euskal Herria kantuz izeneko kantu-liburu ederra egin dute, jadanik zortzigarren edizioan, eta horren bidez jende ainitzen parte hartzea lortzen dute. Bi disko grabatu eta plazaratu dituzte. Lehena Denak kuxkuxtu. Irabazi arte izenekoa izan zen eta arrakasta itzela ukan zuten, plazaratutako bi mila aleak berehala saldu baitzituzten. Gaur agorturik dago. Bigarrenak Denak kuxkuxtu. Irabazi arte – 2 izena zuen, eta erran beharra dago lehenengoaren ildotik abiatua dela, jadanik ia ale guztiak salduta baitauzkate. Gaur bi diskoetako kantu gogoangarrienak bilduz hirugarren disko bat plazaratzeko asmotan dabiltza. Euskal kantua maite dugun guztiok bihotzez eskertuko genieke. 86 Musikariak izateaz gain, Kuxkuxtukoak euskal militanteak ditugu, eta hori dela eta, beraien ateraldien erdiak ikastolak, presoak, AEK, Korrika, Abiadura Handiko Trenaren aurkako mugimendua eta horrelakoak sostengatzeko burutzen dituzte. Euskal Herritik kanpo ere askotan ibiliak izan dira, Korsikan, Bretainian, Flandrian, Alemanian, Nevadan… eta lurralde guzti-guzti horietan ongi jakin izan dute euskal kantuaren hazia ereiten. Urruñan ainitzetan ibiltzen den mutil alemaniar batek aitortu zidanez, Kuxkuxtukoak omen dira Euskal Herriak atzerrian nehoiz izan dituen enbaxadorerik onenak. Luzaz jarrai dezatela horrela, gure herriak eta karrikak alaituz, euskal kantuak zabalduz eta askatasunaren bidean den euskal nazioa, orain arte egin duten bezain ongi, ordezkatuz. Biba zuek! KUXKUXTU. ALDARRIA ETA KANTU I Aspaldi huntan hortik dabiltza Kuxkuxtu txarangakoak, besta eginez, nunahi kantatuz, horiek dira heien lanak. Gaur Nafarroan, bihar Lapurdin baina beti alegerak, San Ferminetan edo Baionan ibiltzen dira urruñarrak. II Kuxkuxtu dugu Urruñakoa, sortzez Herburu auzokoa, euskal umore ta nortasuna, besta eder ta gisakoa. Horixe dugu gure artean kuxkuxtarren lekukoa, txaranga ederra osatzen dute parrandarako nahikoa. III Ez da bestarik gure lurretan Kuxkuxtu talderik gabe, arratsez, gauez edo goizetan beti kantuan dirade. Giro ederra ezartzen dute bazter guzietako labe, horretarako abilak dira, parrandazaleen bilgune. IV Luzaz ibili daitezela gure artean kantatzen, euskal arimak behar baititu Kuxkuxtukoak, hain xuxen. Libre nahi duen Herri honetan kantua esperantza izan zen, askatasuna atzeman artean zuek kantuz, han ta hemen. FRANCISQUE-MICHEL EUSKALARI FRANTSESA ETA EUSKAL ATSOTITZAK François-Xavier Michel, Francisque-Michel deitua, Frantziako Lyon hirian sortu zen 1809ko otsailaren 18an. Aita André Michel negozio-gizona zuen eta alemaniar jatorriko Marie Gerber ama. Bere hezkuntza bukatu orduko Parisera joan zen bizitzera. Gaztegaztetik dohain berezia erakutsi zuen olerkigintzarako, garaiko egunkarietan olerkiak plazaratuz. Baina bere egiazko zaletasuna ikerkuntza zen eta laster ikerlanak kaleratzeari ekin zion. Erdi Aroko testuak aztertu eta argitaratu zituen. 1833 eta 1837 bitarteko urteetan hogeita bi lan eman zituen argitara, horien artean Chanson de Roland delakoaren jatorrizko bertsioa, Oxford-eko Unibertsitatean aurkitu zuena. Hori dela eta, 1837ko abenduan Comité historique-ko kide izendatu zuten eta Ohorezko Legioaz saritu. Bere ikerlanetan era guztietako gaiak aztertu zituen: grabatu zaharrak, zaldiak, ostatuak, herri literatura, antzerki ingelesa, zetaren bideak Erdi Aroan, buhameak, eskaleak, merkataritza, pertsonaien biografiak, gurutzadak, itzulpenak, agotak… Bizitzan zehar plazaratu zituen ikerlanen bidez erudizio eta jakintza handiko gizona izatera iritsi zen. 1846ko maiatzaren 13an bi tesi defendatu zituen eta horien bidez doktoretza atzeman: lehena Virgiliori buruz latinez egindakoa eta bigarrena Frantziako eta Espainiako arraza madarikatuei buruz frantsesez egindakoa. Ondoren, Bordeleko Letretako Fakultatean arrotz literaturako plaza lortu zuen eta hor aritu zen eskolak ematen 1869ra arte, erretretan onartu zuten urtera arte, hain zuzen ere. Parisen hil zen 1887ko maiatzaren 18an. 1.- Euskara eta euskaldunekiko zaletasuna.- Orreagako gatazka, Bordeleko antzinako historia, Nafarroako Erresuma, Ameriketarako merkatal harremanak edota agotak aztertzerakoan euskararekin eta euskaldunekin egin zuen topo eta baita hortik aurrera zaletu ere. 1847an Arnaud Oihenart zuberotarraren atsotitzak berrargitaratu zituen. Hamar urte berantago, hau da, 1857an, euskalari frantsesak “Le Pays Basque, sa population, sa langue, ses moeurs, sa littérature eta sa musique” izenburuko ikerlan mardula bezain aberatsa plazaratu zuen. Liburu hau iturri agortezina dugu garai bateko euskara, euskal literatura eta kultura aztertzeko orduan. Prosper Mérimée-k idatzi zuen FrancisqueMichel-ek liburu honetan euskaldunei buruz irakurria zuena azaltzen zuela. Piarres Lafitte idazle eta euskaltzain lapurtarra ez zegoen ados baieztapen horrekin, eta irakurritakoaz gain Francisque-Michel-ek euskaldunekin bizitutakoak ere kontatzen zituela defendatu zuen. Lafitte berak bultzatu zuen 1981. urtean Elkar-ek plazaratu zuen liburu horren berrargitalpena. Berak egin zuen, halaber, edizio berri horretan irakur daitekeen sarrera eder eta mamitsua. Arestian aipaturiko bi liburu horiez gain, Francisque-Michel-ek euskal gaietan oinarritutako hirugarren liburu bat plazaratu zuen 1859an, Le romancero du Pays Basque izenaz bataiatu zuena. “Le Pays Basque, sa population, sa langue, ses moeurs, sa littérature eta sa musique” izeneko liburua izan da, zalantzarik gabe, euskaldunen artean ospe gehien eman dion liburua. Harrobi emankorra dugu, arlo ugari zabalkiro jorratzen duen lanabes aberatsa. Ni, bertan plazaratzen dituen hirurogeita hamaika atsotitzak bildu eta gaurko grafiaz idatziz gero, lerro hauetara ekartzen ausartu naiz, horietako ainitzek, egun ere, gaurkotasun handia erakusten digutelakoan. 2.- Francisque-Michel-en euskal atsotizak.- 1.- Nork bere opilari ikatza. 2.- Arrain handiak jaten ditu xipiak. 3.- Antso limosnari, urde ebatsiaren oinak dematza1 beharrari. 4.- Asko badok asko behar dok. 5.- Iazko ebaslea aurtengoen urkazalea. 6.- Ohoin handiak urka arazten ditu xipiak. 7.- Ikusi nuen orratz-ohoina azotaturik, urre moltsoarena alkateturik2. 8.- Paskoz urkagai3 duenak Garizumaren laburrez ditu penak. 9.- Garizuma eta urkabea asturugaitzentzat4. 10.- Geroa alderdi, hobe da sahi hutsa ezi ez aho hutsa. 11.- Intxaur duenak jateko aurkit diro harri hausteko. 12.- Neska hartzen ari dena saldu doa, galdatzen ari dena da galdua. 13.- Ogi pulua bekanki da irakas xahua. 14.- Otsoa lagun duanean albaihu hora5 saihetsean. 15.- Ehun zaldik ehun zalditoki behar. 16.- Erroma ez zen oren batez akabatu. 17.- Giza ustea guztia ustel. 18.- Astoari emanik arbuia zuena gero erosi egin behar izan zuen. 19.- Atzerri otserri. 20.- Arrotzak eskua latz. 21.- Urrun hiritik, urrun osagarritik. 22.- Has nezak egungo haragiaz, atzoko ogiaz eta iazko arnoaz, eta axeterrak6 bihoaz 23.-. Sabeldurak gaitz ditu urak. 24.- Sendo nahi dituka7 begiak? Lot itzak hire eriak. 25.- Harri erabilik ez du biltzen goroldiorik. 26.- Halako tupati halako arnorik. 27.- Itsutu behar duenak begiti8. 28.- Ogi gogorrari hagin zorrotza. 29.- Beteegiz zorroa, lehertu doa. 30.- Mendiak mendiak behar ez, baina gizonak gizona bai. 31.- Begi batez aski du saldunak, ehun ez ditu sobera erostunak. 32.- Erroango9 oihala merke dela, gora da. 33.- Gaitza onki hator, batzar bahator. 34.- Ditxa onak hari, nola baita bera itsu, hari darraizkionak10 itsutzen ditu. 35.- Zalduna, egik semea duke; ez aguke.11 36.- Negua beti lantsu. 37.- Ahalkegabeak bitu eper erreak. Zer ahalgorrak? Ogi mokorrak. 38.- Aita biltzaleari, seme barreiari. 39.- Arraina eta arrotza, heren egunak karatzez, kanpora deragotza12. 40.- Baigorrin baxera lurrez, nik haragai13 nuenean urrez. 41.- Emaztea hartzen duenak ezkontsari hutsagatik, biharamuna da dolu eguna, gaitz darraikonagatik. 42.- On-goseak gizon bat hilik ihes egin eliza barnera, eta ez gero handik atera. 43.- Suhur arditaren14, ero dukataren15. (dukata = garai bateko sosa) 44.- Lehen hala, orain hola, gero ez jakin nola. 45.- Beti zerbitzari leiala eta prestua, hartzedun da, bat ere pagatua. 46.- Domingo, egik emazte, hazi lo, berak iratzar iro16. 47.- Ezkon-eguna, aisa izanaren biharamuna. 48.- Oilar bat aski da oilo hamar baten, hamar gizon ez emazte baten. 49.- Eguzkia eta euria martxoko eguraldia. 50.- Urriak buztanaz, zezeilaz bularraz. 51.- Otorde dabila maiatza su eske. 52.- Maiatz eurite, urte egite. 53.- Maiatza hotz, urtea botz. 54.- Goiz gorriak dakarke17 euri, arrats gorriak eguraldi. 55.- Goizerria denean gorriago ezenez hori, eure euritakoa ez demala18 nehori. 56.- Goiz ortzadar, arrats iturri. 57.- Ortzadarrak zeruan arratsian denbora ona erakusten du; bainan ez dezazula sekulan zinez denbora izaratoari, ez eta brodal zalea gaizki bestituari. 58.- Goiz gorri de Nabarra, remojarte ha la zamarra.19 59.- Arrats gorri de Castilla, calentar te ha la costilla.20 60.- Jaune Done Laurenti, esku batean euria, bestean ilinti21. 61.- San Simon eta Juda, negua heldu da. 62.- San Simon eta Judaetan ontziak ankoraetan22. 63.- Otoitzen ez dakiena Jainkoari, berraio itsasoari. 64.- Itsasoak adarrik ez. 65.- Itsasturiaren23 emaztea, goizean senardun, arratsean alargun. 66.- Mundu honek dirudi itsasoa, igerika ez dakiena hondarrera doa. 67.- Hila lurpera, biziak axetara24. 68.- Zer dio sutondokoak? Zer baitio su aitzinekoak. 69.- Jauskari ona kapa zahar duena. 70.- Sariak zatitu ondoan, ageriko zer den hirerik urpoan. 71.- Edrigu de Villandran, egun hemen eta bihar han. BAIONAKO GASKOIAK, DONOSTIA ETA ATTURRI IBAIA Baionak hastapenetatik Atturri eta Errobi ibaien elkargunetik atera ditu indarra eta hiri izateko oinarrizko arrazoia. Hortik omen datorkio izena: Ibai + gunea = Baiona. Horixe da, bederen, gaur sinesgarrien dugun teoria. Itsasoaren hurbiltasunak eta ibai nabigagarri horien bokaleak eman zion hasiera-hasieratik ukan duen merkatal hiriaren ospea. Errobi ibaiak Nafarroa Behereko ipar muga zehaztu ondoren, Lapurdin sartzen da, Baionaren barruan Biarnotik datorren Atturri ibaiarekin lotzeko eta biak elkarturik itsasoratzeko. Errobi ibaiak eman dio hiriari sortzezko euskalduntasuna eta Atturri ibaiak ekarri zituen gaskoiak hirira. Hauek biziki trebeak ziren merkataritza kontuetan eta laster hiria indarberritu zuten. Haatik, XII. mendean zerbait gertatu zen Baionan, eta bertako merkatari gaskoiak (kaskoinak eta kaskoiak ere deituak) Gipuzkoako kostaldera hedatu ziren, bertako hirietako merkataritza euren eskuetan hartuz. Hondarribian, Pasai Donibanen, Lezon, Errenterian, Lezon, Herreran eta Donostian finkatu ziren, gehien bat. Hiri horietan Baionako gaskoierak indar handia hartu zuen, eta Hondarribiko eta Donostiako hirietan, esate baterako, mintzaira nagusia izatera ere iritsi omen zen, herri horietako toponimo ugarik, gaur egun oraindik ere, ederki oroitarazten diguten bezala. Baina zergatik joan ziren Baionako gaskoiak Gipuzkoako itsas bazterreko herrietara? Kristobal Gamon izan zen gaskoiek Gipuzkoako kostaldean izan zuten indarraz hitz egin zuen lehenengoetakoa, baina zalantzarik gabe, Serapio Mujika izan zen migrazio hori hobekien aztertu zuena eta gaskoien hedatzeari buruz lehen teoria plazaratu zuena. Lapurdi Nafarroako Erresumaren eta Frantziako Erresumaren artean kokatu zen luzaz, garai zaharreko lotura feudalei jarraituz. Gaztelak Nafarroari Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasertza kendu zionean, Baiona Nafarroako Erresumaren portu nagusi bilakatu zen, eta horrek sekulako indar ekonomikoa eman zion. XII. mendean, lotura feudalak aldatzerakoan, Frantziako erregearen menpekoa izatetik Ingalaterrako erregearen menpekoa izatera pasatu zen, eta hor zenbait gerra eta liskar piztu ziren. Serapio Mujikak bere idazkietan defendatu zuenez, horixe izan zen Baionako merkatari gaskoiak Gipuzkoarantz bultzatu zituen arrazoi nagusia. Teoria honek bere bidea egin zuen eta liburuz liburu, egilez egile errepikatu egin da gaurko egunera arte. Hala eta guztiz ere, erran beharra daukagu hau ez dela gaskoiek Gipuzkoara burutu zuten migrazio handia ulertzeko plazaratu den teoria bakarra. Jose Luis Banus Agirrek bigarren teoria bat aldarrikatu zuen, ene ustetan, errealitatearekin uztartuagoa dena. Ikus dezagun. XII. mendean, hondarrek Baionako bokalea blokatu zuten eta honen ondorioz Atturri ibaiak beste bide bat bilatu behar izan zuen, eta Capbretonen, hemezortzi kilometro iparrerago, itsasoratu zen. Honek desesperazio handia zabaldu zuen Baionako merkatari gaskoien artean, ezin baitzituzten Nafarroako Erresumaren merkantziak ez atera eta ez sartu. Horrek beste portu bat xerkatzera bultzatu zituen, eta berehala topatu zituzten leku egokiak Bidasoa, Oiartzun eta Urumea ibaien bokaletan. Hondarribia, Pasaia eta Donostia izan ziren gehien populatu zituzten hiriak. Izurun zaharra Donostia (Done + Sebastia) izatera pasatu zen gaskoien eraginez, 1000. urte inguruan bertako baserritarrek San Sebastian martiriaren omenez eraikitako monasterioaren izena erabiltzen hasi baitziren hiri gaskoi berritua izendatzeko. Gaskoien garai haietatik datorkie donostiarrei inguruko herrietakoek ematen dieten goitizena: kaxkarinak, hau da, kaskoi arinak. Pasaiako Badiari Passage deitu zioten, eta hortik datorkio gaur euskaraz duen izena. Hondarribia (hondar + ibia) toponimo zaharra ahoskatzeko zail samarra egiten zitzaienez gero, beraien sistema fonetikora hurbildu zuten Fonterrabia/Fuenterrabia famatua sortuz. Eta zer gertatu zen Atturri ibaiarekin? Capbretonen bilatutako irteera ere emeki-emeki hondarrez betetzen joan zen, eta ibaiak Vieus-Boucau-n (Bokale Zaharrean) bilatu zuen itsasoratzeko bokale berria, hogeita hamabi kilometrotara. XVII. mendean ibaiak hegoalderantz jo zuen, berriz ere, Miarritzetik hasieran eta Donibane Lohizunetik gero itsasoratuz. XIX. mendean, Napoleonen garaian, Baionak Atturri ibaiaren itsasoratzea berreskuratu zuen, ordutik Bokale Berria (gaur Bokale bakarrik) deitu izan dugun ahotik itsasoratzen da. Ederki asmatu zuten gure arbaso euskaldunek hiriari eman zioten izena, ibai + gunea, garai ilun haietatik gaurko egunera arte Baiona hiriaren bizimodu komertziala Atturri eta Errobi ibaiekin arrunt loturik egon baita. BATIXTA BORTHIRI-SALA, LARRAINTAR BAT, PRUSIAN PRESO 1979ko abenduan, hogeita hiru urte nituela, Baionako Zabal liburudenda gogoangarri hartara sartu nintzen, eta han, beste liburu askoren artean, Sü-azia kultur elkarte zuberotarrak fotokopiez egindako liburuxka berde bat topatu nuen. J.B.Borthiry-Sala larraintarrak huntü koblak irakur zitekeen Orhi mendi magikoaren eta lauburu baten artean kokaturiko izenburu gisakoan. Liburuxka zabaldu orduko han biltzen zenaz liluraturik gelditu nintzen. Bertsoak ziren, zuberotarrez egindako bertset edo koblak. Osora hamazazpi bertso sorta. Azalean azaltzen zen izena guztiz ezezaguna egin zitzaidan, baina lehen orrialdean, aurkibide gisa azaltzen ziren argibideetan erraten zenez, Larraineko semea zen, laboraria, Lehen Mundu Gerla odoltsu hartan bere herritik erauzia eta alemaniarren aurkako borrokaldietara eramana. Liburuxkan azaltzen denez 1889an Larrañeko Salan sorturik. Gazte denboran familiarekin laborantzan aritua. Berak horrela kontatu zuen Sorlekhia izeneko lehen bertso sortan: 1 Bere sorlekhiari bethi zerbait zor da, nik eman nahi deiot bizpahirur kobla; Etxe xuri ttipi bat aldian bi borda, han irus igaran düt ene haur denbora. 2 San Josefen oihana eta Erroimendi, Arratako bizkarra, bai eta Bürkhegi, oro ageri dira ene etxondoti, udan berde-berdia, negüan aldiz xuriz. 3 Nik ez dütüt berritan, ene haur denboran, zagollak gibeletik higatü eskolan; Ardüraago nintzan ni mendi maxelan, ardien bazterrian khanta errepikan. 4 Negüko arratsetan dügü lana franko, aitak badü beste bat gük bat egin baiko, ardi, abere eta behor, asto, mando, txakürra baizik ez da kabalerik kanpo. 1915ean, hogeita bost urterekin soldadu eramana. Huraxe zen momentu hartan nik nuen adin berbera. Hotzikara bat sumatu nuen goitik behehiti hura irakurtzean. Larraintarrak horrela kontatu zuen bere bertsoetan: Gerlako kanthore 1915ian. 1 Hogei ta zunbait urthe dian gizun bati güstü zaio khantatzia zunbait bertset berri; esplikatü nahi düt alhe gütieki hebenko bizitzia ez dakianari. 2 Urhats oroz batügü alde güzietan, lagünak ehortzirik adin ederrian; Zurezko khürütxe bat thunbaren gaiñian, markatuz hila dela bere zerbütxian. 3 Lanjein izanagatik oi gure bizia, bertset hoien huntzia holaxe haitatü; Arrenküra haborik gordatzen dütügü üskaldünek algarri kontsolü zor dügü. Azkenean, preso hartu eta Prusiara eraman zuten beste atxilo ainitzekin batera. Hau ere ederki kantatu zuen, sentimendu handiaz, 1418ko Gerlan presoner izeneko bertso ederretan. Hamabost bertset osora. 1 Eniz Üskal Herrian jaiki egün goizan, Orhi bortia eztüt gehiago bixtan, ez eta üskaldünik ene lagünetan, emur huna düt bardin, Prüsia erditan, bi bertset huntüko düt nula bizi nizan. 2 Nik irus izateko zer othe düt falta, libertatia baizik eta zunbait gaüza; khanbera bazterrian düt arrabineta, ogi gütixko bena indartsia beita, hau ezta xuri, eta gabia da beltza. 3 Hitz batez erranen düt azken bertsetian, hatü franko düt eta bizi miserian; Jesüs, lagüntü naizü khantoren huntzian, orai ezar nazazü oi libertatian, ahal ditzadan khanta Eüskal Herrian. Gerla bukatzean, Batixta Borthiri-Salak askatasuna berreskuratu zuen eta Zuberoara itzuli zen, Orhi azpiko habiara, hain zuzen ere. Eta han laborari gisa jarraitu zuen. Bazirudien bakea berreskuratua zuela betiko, baina patu gaiztoak bigarren gerla handi baten lekuko izatera kondenatu zuen, bere belaunaldiko guztiekin egin zuen bezalaxe, baita berak ere zenbait bertsotan ederki kontatu ere. Bordelen zegoen soldadu bertset hauek ondu zituenean. 1940eko Gerla 1 Himeretzü ehün eta berrogei gerren urthia; Alemaniako armadak garhaitü dü Frantzia; Hunki gabe ützi balü gure Eüskal Herria, nik enian pentsatüko bertset hoien huntzia. 2 Beste ororen gainetik hau da tristegarria, bi phartetan ezarririk Eüskal Herri maitia; Sorlekhilat juaiteko zerratürik bidea, gaüaz ere ametsetan han dút phentsamentia. 3 Gaü-aiñhera, abilua alemanen gaiñeti, erran ezak Xiberuan hebenko zerbait berri, kuntsertatzen ahal bahiz ene adixkideki, jakin ere nahi nikek han direnez hobeki. Sü-azia-koek liburuxkan aitortzen dutenez, Batixta zenaren arrebak, Maddia Onainti ezkontza-izenekoak, anaiaren bertso hauek guztiak eman zizkien, Atharratzeko ospitalean zelarik. Bertsoak eskuz idatzirik zeudenez, Sü-azia-koek orduko grafiara transkribatu eta 1979ko erdi aldean plazaratu zituzten. Ikus dezakezunez, irakurle, ez zuten lan makalik egin Larraineko soldadu koblakariaren bertsetak salbatzean eta inprimatzean; beraiei esker bai guk eta bai heldu diren belaunaldietakoek ere gerlen gaineko zuzeneko testigantza ukan ahal dugulako. Xiberoko Jinko honak atxiki dezan beti bereki Larraineko Batixta Borthiri-Sala! ZUBEROAKO TXIKITOAK Denon gogoan dira zuberotarrek urtero egiten dituzten kultur ekitaldi handiak, hau da, maskaradak eta pastoralak. Lehenak inauteriaren inguruko fartsa modukoak dira, neguan burutzen dituztenak, eta bigarrenak, Erdi Aroko misterioetatik omen datozkigunak, ekitaldi erraldoi miresgarriak. Zuberoa famatua da Euskal Herri osoan, arestian aipaturiko kultur ekitaldiengatik eta baita beraien kantu eta dantza xarmangarriengatik ere. Zuberera bera ere bitxi samarra, exotikoa, egiten zaigu gainerako euskaldunoi. Altxor ederra, beraz, euskaldunok Zuberoan daukaguna. Baina aipatu ditudan horietaz gain, Zuberoan badira bestelako kontuak bigarren edo hirugarren maila batean gorderik gelditzen zaizkigunak. Horietako bat txikitoak. Baina, zer dira txikitoak? Txikitoak edo xikitoak, bere adiera afektiboan, Bortuetako artzainek elkarri, zirikan, norgehiagokan, erabiltzen zituzten erramolde errimatu lizun eta bortitzak ziren. Allande Sokarrosek aditzera eman didanez, mendi mazela batetik bestera, ola batetik bestera, oihukatzen omen zituzten. Batzuek desafio modura jaurtitzen zituzten eta besteek erantzuten zieten. Zenbat eta urrunagotik botata, orduan eta gordinagoak izaten ziren. Erramolde errimatu horien ondoren, Txikito!!! (edo Xikito!!!) erraten zuten, eta Sokarrosen aburuz, horrekin Orai hik errak! aditzera ematen zioten entzuten zuenari. Artzainen arteko maleziak eta izterbegien (edo arerioen) arteko norgehiagoka ulertu behar dira txikitoka horretan, horrela aritzeari txikitokan aritzea deitzen baitzioten. Txikitoetan lizunkeriak, emakume kontuak eta itsuskeriak azaltzen ziren. Jean Mixel Bedaxagarren ustez, desafioa izateaz gain, txikitoek bazuten balore iniziatiko bat, lehen aldiz artzain ibiltzen ziren hamabihamahiru urteko muttikoentzat, pitoa, alua, uzkia… eta horrelako hitzak erabiltzean, muttiko horiei gizon helduen munduaren berri ematen baitzitzaien. Bedaxagarrek garbi adierazi dit txikitoak Bortuetan, gizonen artean, soilik, erabiltzen zirela. Emakumeen aurrean inoiz ez. “Hire arreba nahi nikek nire pitoa sartzeko” eta horrelakoak oso ohikoak ziren txikitoetan, eta jakina, horrelako probokazio bortitzak bere neurriko erantzun gordina jasotzen zuen, eta azkenik, horrelako mezu gogorrez osaturiko kate luzea osatzen zuten. Denetik erraten zioten elkarri eta aunitzetan horrek artzain horien arteko etsaitasuna areagotzen zuen. Txikitokan aritzea sua pizten edo probokaziotan aritzea zen. Gaur egun, txikitoak galdu dira, gaur inork ez baitu horrelakorik erabiltzen. Iragan hurbilaren oroitzapena dira. Euskararen gibelatze traumatikoak eta gizarte aldaketa lasterrak, beste gauza askorekin batera, txikitoen desagerpena ekarri dute. Jon Mirandek eta Txomin Peillenek txikito paketa argitaratu zuten 1962 eta 1963 urteren artean Parisen plazaratu zuten Igela izeneko aldizkari heterodoxo ospetsuan. Nik dakidala inprimatu ziren lehenak. 1991, urtean eta Etor argitaletxearen bitartez, Patri Urkizuk bi liburukiz osaturiko “Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako bertso eta kantak” izeneko bilduma ederra plazaratu zuen. Bigaren liburukian txikito mordo bat plazaratu zuen. 2009an, Allande Etxartek “Txikito!! !” izeneko liburuxka kaleratu zuen eta bertan aipatu bi iturri horietan azaltzen ziren txikito guztiak bildu eta plazaratu zituen; baina Etxartek ekarpen handi bat egin zuen bere liburuxkan, txikito horiek guztiak gaurko grafian normalizatuan eta alfabetikoki antolaturik ezarri baitzituen, eta gainera, txikito guztien ondoan, frantseseko itzulpena eman zuen. Horiek dira nik segidan, zubereraz eta batueraz, emanen ditudan hogeita hamasei txikitoak. Jean Mixel Bedaxagarrek aipatu didanez, baliteke artzain ibilitako gizon zaharrek oraindik horrelakoak gogoratzea, baina tamalez, lekuz kanpo, hau da, Bortuetako artzain txaboletatik kanpo, eta txikitoek berez dituzten gordintasuna eta lizunkeria direla eta, inoiz ez diote inori aditzera emango. Hor badago auto-zentsura moduko bat. Ikus ditzagun, bada, ezagutzen ditugunak. Hasieran Allande Etxartek erabilitako gaurko grafian emango ditut eta gero nik batueraz egindako moldapena. 1.- Ahari beltxa errekan, pitoa xutik bragetan, jokatzen diat ekarten ez diala pintoaren saria sakolan. Txikito!! ! Ahari beltza errekan, buztana zutik bragetan, Jokatzen diat ekartzen ez duala sakelan pinta bat ordaintzeko haina. Txikito!! ! 2.- Ahüntzaren büztan txüta, haren peko xilo hütsa, sar ezak, sar südürra, ezkapa ez dakian hütza. Txikito!! ! Ahuntzaren buztan tentea, haren beheko zulo hutsa, sar ezak, sar sudurra, ihes egin ez dakian putza. Txikito!! ! 3.- Altxa ezak eria, hunk ezak zelüa, gero ükenen dük üzküan ene ziria. Txikito!! ! Altxa ezak hatzamarra, uki ezak zerua, gero izanen duk uzkian nire ziria. Txikito!! ! 4.- Arraultzea bilo gabe, apoa buztan gabe, Hebentik horra ikusten deitzat koskoilak batere bilorik gabe. Txikito!! ! Arrautza ilerik gabe, apoa buztanik gabe, Hemendik koskabiloak ikusten dizkiat bat ere ilerik gabe. Txikito!! ! 5.- Aihen Buen hen-doi, gure ahüntza aihenkoi, mendi hortan txikitokan ari direnak oro pixapotetik ardokoi. Txikito!! ! Ongi haientzat tokian (mahastian), gure ahuntza mahasti zale, mendi horretan txikitoka ari diren guztiek pixontziko arnoaren maitale. Txikito!! ! 6.- Astoa zelatürik, hi hortan gainen muntatürik, ikusi behar haigü, orano ikusi, alu biloz ürkatürik. Txikito!! ! Astoa zelaturik, hi horren gainean muntaturik, oraindik ikusi behar haugu aluko ileetatik urkaturik. Txikito! 7.- Balü ere berrehün haboro, bat aski dik beretako, besteak oro hiri üzkütik sartzeko. Txikito! ! Berrehun gehiago balitu ere, bat aski dik beretzat, beste guztiak hiretzat, uzkitik sartzeko. Txikito!! ! 8.- Banoak bai aitzina, ez beti düt egoiteko aizina, Horaren üzküan sar hadi, südürraz aitzina. Txikito!! ! Banoak bai aitzina, ez baitut egoteko astirik, sar hadi zakurraren uzkian, sudurraz aitzina. Txikito!! ! 9.- Belea doa hegalez, bere bizi beharrez, ehün ürtez bizi behar dakiala haren kaka mokorrez. Txikito!! ! Belea doa hegalez, bere bizi beharrez, ehun urtez bizi beharko dik haren kaka mokorrez. Txikito!! ! 10.- Bertzaren üzkü beltza, kanfrearen tinta beltza, ütz nezak ixilik, hizan bezalako mütür beltza. Txikito!! ! Pertzaren ipurdi (hondo) beltza, alkanforraren (kanfrearen) tinta beltza, mutur beltz hori, utz nazak isilik. Txikito!! ! 11.- Bestaberri Mauleko, Jundane Juhane Lextarreko, ehün ürtez bizi behar dakiala emazte baten alüari belaünko. Txikito!! ! Bestaberri Mauleko, San Joan Lextarreko, ehun urtez bizi beharko duk emakume baten aluaren aurrean belauniko. Txikito!! ! 12.- Eraikak eria, hunk ezak zelüa, ordüan ükenen dük bai gure zerrama zaharren alüa. Txikito!! ! Altxa ezak hatzamarra, uki ezak zerua, orduan izango duk, bai, gure txerrama zaharren alua. Txikito!! ! 13.- Erbiak lau zanko, lauak kako, kako badütü, kako, kaka dela hiretako. Txikito!! ! Erbiak lau zango, lauak oker, lauak ongi okertuta, eta kaka hiretzat. Txikito!! ! 14.- Erregeren idiak üztartürik, üztar hedeak gorriz tintatürik, ehün ürtez bizi behar dakiala haien adarrak üzkütik sartürik. Txikito!! ! Erregeren idiak uztarturik, uztar-hedeak gorriz margoturik, Ehun urtez bizi beharko duk haien adarrak uzkitik sartuta. Txikito!! ! 15.- Gaztañatzea hon dük kolte gei; gerezitzea ere bai taula gei, hi ere arraostatzeko beno alorreko küso gei. Txikito!! ! Gaztainondoa ona duk taketak (hesolak) egiteko, gereziondoa ere oholak egiteko, ez haiz erantzuteko modukoa baina bai soroetan txorimalo izateko. Txikito!! ! 16.- Gerezi beltz jan diat, kakeria badiat, ixilik egoiten ez bahiz ahoala egiten deiat. Txikito!! ! Gerezi beltza jan diat, kakeria badiat, isilik egoten ez bahaiz ahoan egingo diat. Txikito!! ! 17.- Gure artzain hor zaharrak baditik ehün kana berga, berarentako besteak oro, hiri üzkütik sartzeko. Txikito!! ! Gure artzain-zakur zaharrak baditik ehun taket beretzat, beste guztiak hiri uzkitik sartzeko. Txikito!! ! 18.- Gure etxean badük lau ardi, lauek zortzi beharri, ez nük ssekulan izan, orai bezain egarri. Txikito!! ! Gure etxean badituk lau ardi, lauek zortzi belarri, ez nauk sekula izan orain bezain egarri. Txikito!! ! 19.- Haintiko hegila, honaintiko nabata, errabia dakiala zanko arteko kahaila. Txikito!! ! Haraindiko mendixkara, honaindiko haranera, zango arteko ziria beti gustagarri izan dezaan! Txikito!! ! 20.- Haixtür eta kako, horiek dendarientako, hire hortz handi horiek hon lütükek bürdüin arrestelütüko. Txikito!! ! Guraizeak eta jostorratzak jostunarentzat, zire hortz handiak ongi lirateke burdinazko eskuare batentzat. Txikito!! ! 21.- Hamar eta sei hamasei, gure labeko bi sukei, txikitoka beno hobe hintzate alor bazterreko küsogei. Txikito!! ! Hamar eta sei hamasei, gure labeko bi su-egur, txikitoka baino hobe hintzateke inguruko soroetan txorimalo. Txikito!! ! 22.- Hebentik hara, bi mendien artekotik, ostadarra sar dakiala gibeleko xilotik. Txikito!! ! Hemendik hara, bi mendiren artetik, ortzadarra sar dakiala atzeko zulotik. Txikito!! ! 23.- Haxeria badoazü bere xilotik, jarrai zakitzo ondotik, Haboro jakin nahi badüzü, sar zakitzo üzkü xilotik. Txikito!! ! Azeria badoa bere zulotik, jarrai zakizkio bertatik, gehiago jakin nahi baduzu, sar zakizkio zulotik. Txikito!! ! 24.- Hur bazterrean harria, haren gainen txoria, ikusten deiat hebentik horra kintaleko zorria. Txikito!! ! Ur bazterrean harria, haren gainean txoria, hemendik ikusten diat hemendik kintaleko zorria. Txikito!! ! 25.- Kanfrearen tinta beltza, bertzaren üzkü beltza, ez hiz aurten ezkontüren hizan bezalako mütür beltza. Txikito!! ! Alkanforraren (kanfrearen) tinta beltza, pertzaren ipurdi (hondo) beltza, mutur beltz hori, aurten ez haiz ezkonduko. Txikito!! ! 26.- Madalena gainean lano, guree baratzean porrü eta oino, hebentik horra ikusten deiat koskoiletan ehün gunka morpiu. Txikito!! ! Madalenaren gainean lainoa, gure baratzean porru eta tipula, hemendik ikusten dizkiat ehun potrozorri-bartza koskabiloetan. Txikito!! ! 27.- Madalena gibelean, baita ere aitzinian, kaka ezkapa dakiala mündü ororen aitzinian. Txikito!! ! Madalenaren atzeko aldean, baita aurrekoan ere, kaka atera dakiala jende guztiaren aurrean. Txikito!! ! 28.- Oihaneko haltza, haren peko hartza, harek elkiko deik bai, koskoiletako hatza! Txikito!! ! Oihaneko haltza, haren azpiko hartza, horrek igoaraziko dik koskabiloetako atzamarra Txikito!! ! 29.- Orhi püntan lano, gure baratzean porrü eta oino, hebentik eta horra ikuste ndeiat ehün mila morpiu. Txikito!! ! Orhi puntan laino, gure baratzean porru eta tipula, hemendik ehun mila potrozorri ikusten dizkiat. Txikito!! ! 30.- Organtzarrak errekan, huren beharrez marrakan, entzün diat, entzün, barda hintzala alü beharrez marrakan. Txikito!! ! Orga handiak errekan, uren beharrez marrakan, entzun diat, entzun, bart hintzela alu beharrez marrakan. Txikito!! ! 31.- Satineta zeta hari pasajanta honarat beha hadi, korajerik balinbadük txikitoka has hadi. Txikito!! ! Zetazko soineko dotore hori, pasatzean begira ezak hona! adorerik baduk txikitoka has hadi! Txikito!! ! 32.- Sohütan da Üdola, atzaman dü alorra, hebentik hara ikusten deiat ontsa mardo mokorra. Txikito!! ! Sohütan da Üdola, atzeman du alorra, hemendik ikusten diat taket (mokor) handi ederra. Txikito!! ! 33.- Ürrützezko pertika, lexarrezko makila, jokatzen deiat, jokatzen, ez dakiala nondik xiko neskatila. Txikito!! ! Urritzazko pertika, lizarrezko makila, jokatzen diat, jokatzen, ez dakiala neskatilari nondik sartu. Txikito!! ! 34.- Xikito, diok ala xikito, ez hiz ez hortan kito, gure artzain horak badik ehün kana pito. Txikito!! ! Xikito diok, xikito, ez haiz ez horretan kito, gure artzain-zakurrak badik ehun kanako pito. Txikito!! ! 35.- Zibitze, oi Hegiapal o, merkat bideak ere talo, aisa izanen dütük haurrak ere katalo. Txikito!! ! Zibitze, oi Hegiapal o, merkatu bideak ere talo, aisa izanen dituk haurrak hiretik zintzilik. Txikito!! ! 36.- Zinka düana, zinka, hasi zaina loditzen pantza, ohart noiz jauzarazi heitan pito mútürreko tzintza. Txikito!! ! Eskaka bahabil, eskaka, laster handituko sabela, ohar hadi nire taketako hazia isurtzen delarik. Txikito!! ! ------------------------------------ Mila esker Jon Mirande zenari, Txomin Peilleni, Patri Urkizuri eta Allande Etxarti idatzirik utzi diguten ondareagatik, Allande Sokarros eta Jean Mixel Bedaxagarri eman dizkidaten azalpenengatik eta Iñaki Martiarturi egin dizkidan zuzenketengatik. Mila esker denei. LAPURDIN, NAFARROA BEHEREAN ETA ZUBEROAN GAINDI, EUSKAL INAUTERIARI JARRAIKI. 2013ko negua iritsi zen Euskal Herrian ohikoa den udazken gatazkatsu baten ondoren. Abenduaren 24an, Olentzero Euskal Herriko herri guztietan barna ibili zen esperantza eta bizi-poza zabalduz, gehienbat haurren artean. Ni Donibane Lohizunen ibili nintzen, urtero bezala, karrikaz karrika eta kantuz kantu. Begiraleak elkarteak antolaturiko Olentzeroa berezi samarra da, edo niri horrela iruditzen zait, bederen, neguko magia irudikatzeaz gain, donibandarrek galdu nahi ez duten euskalduntasuna aldarrikatzeko aukera ezin hobea eskaintzen duelako. Egun hartan atorra hutsez eta besoak airean ibili ginen kalez kale eta irriz irri, bat-batean, aurreko egunetan atertu gabe ukan genituen euria eta hotz handia desagertu baitziren. Hori dela eta, arrats ezin ederragoan ibili ginen denok iju-ujuka eta kantari. Norbaitek atsotitz zaharra ekarri zigun gogora: “Olentzero bero, negua gero”, baina egia aitortu behar badizuet, ez genion jaramon handirik egin. Arratsa ederra zen eta baliatu behar genuen, umore onean, lagunarte beroan, neguko egun hura ongi iragaiteko. Eta horrela egin genuen, berandu arte ibili baikinen Donibaneko kaleetan barrena euskal giroa piztuz, euskaltasunaren oihartzuna txoko guztietara eramanez. Gero, bakoitzak bere etxeko goxora jo zuen, etxean zain genuen familiarteko ederrera. Handik aitzina eguraldia okertzen hasi zen, berriz ere, eta eguneroko euriari hotza ere estekatu zitzaion. Eguraldi petral horretan murgildurik ginela, inauteria iritsi zitzaigun, Lapurdin ihauteria deitzen den besta luze eta solstiziala. Urtarrilaren bukaera aldean, Ituren eta Zubietako joaldunen oihartzuna entzun ahal izan genuen euskal telebistek eta irratiek gure belarrietara ekarrita. Hura hasiera izan zen, aro luze baten hastapena, neguko solstizioa eta udaberriko ekinozioaren arteko aldi ilun, magiko eta luzearen abiapuntua. Uztaritzen Hartzaro deitzen diote, hau da, hartzaren hibernazio edo neguloaren aroa. 1.- Donibane Lohizune eta Ziburuko Ihauteria.- Otsailaren 2an, larunbatarekin, gure txanda iritsi zen. Aste horretan hasi zen inauteria Lapurdi osoan hedatzen, eta azkenean gurera ere etorri zen. Donibane Lohizunen eta Ziburun bada inaute batzorde bat (bertan Ihaute Komitea deitzen duguna) festa hau bi herrietarako antolatzen duena. Beraiekin batera Begiraleak, gure elkartea, aritzen da. Baina Olentzeroren egunean norbaitek iragarri zuen bezala, negu luzea eta hitsa zen hura. Euri zaparrada bat bukatu orduko bestea hasten zen, eta euria ez zelarik kazkabarra. Larrun mendia zuri-zuria zegoen eta hotz handia egiten zuen. Arestian aipaturiko egunak Hartzaren Eguna izena du hartzaren iratzarraldia, hau da, inauteriaren hasiera ospatzen baitu. Goizeko 10etan atera ginen Begiraleak elkartearen egoitzatik konpartsan: musikariak eta hiruburuak hasieran, hartza eta hartz eramailea ondoren, eta zirtzilak bukaera aldean. Osora berrogeita hamar bat lagun inguru. Hiriburuak, bere izenak erraiten digun bezala, hiru burutako pertsonaiak dira. Iragana, oraina eta geroa azaltzen omen digute. Buruan lastozko kapelu hegal zabala, kolore bizietako xingolekin hornituta eramaten dute, aurpegia xingolekin estaltzen dutelarik. Jantzia zakuzko oihalezkoa da, kolore askotako xingolekin apaindua. Oinetan abarkak eta artilezko galtzerdi lodiak. Hamar bat lagun izaten dira hiruburuz janzten direnak, eta haien buru Zabuloia izeneko pertsonaia. Honek hiruburuentzako diren maskureak eramaten ditu. Hiruburuen dantza luzea eta bitxia da, hainbat zatiz osatua. Azken zatia soka-dantza da eta hau burutzen dutelarik, Zabuloiak maskure bana ematen die, hauek ikusleen artean, ezker eta eskuin, zarata handia sortuz, joka ibil daitezen. Gure familia Begiraleak elkartekoa da, eta hori dela eta, ontsalaz ni izaten naiz hartz eramaile eta gure bi semeak hiruburu. Egun hartan era, hala ginen. Donibaneko merkatura sartu ginen, ohitura dugun bezala, eta bertan zen jendea gogo handiz hurbildu zitzaigun ateetatik sartzen zen hotz handiari jaramon handirik egin gabe. Ondoko ostatu batean urteroko txokolate beroa eskaini ziguten, baita guk ederki eskertu eta zurrupatu ere. Gero, Donibaneko kaleetan barrena ibili ginen. Bazkaria elkartean egin genuen lagunarte ederrean. 4,30etan arratsaldeko irtenaldia egin genuen. Irtenaldi horretan berrogei bat haur eta gaztetxo gehitu zitzaizkigun zirtzilez jantzita. Astea igaro eta Donibane eta Ziburuko Ihauteriaren bigarren zatia iritsi zen. Ostiralean, otsailak 8, Sorgin Gaua ospatu genuen eta larunbatean, otsailak 9, Zanpantzar Eguna deitzen duguna. Lehenean, sorgin eta zirtzilen konpartsa ateratzen dugu urtero. Konpartsa horretako gainerako pertsonaien artean hartza eta hartz eramailea ere ateratzen ditugu. Ibilaldia arratseko 8,30etan hasten da beti, eta sorginen segizioak suzien argipean Ziburuko karrika estuak zeharkatzen ditu, dantzatuz eta kantatuz. Bukaera Ziburuko pilota-plazan izaten da. Bertan pizten duten suaren inguruan sorgin-dantza , hiruburu-dantza, fandango, arin-arin, eta mutxikoak dantzatzen ohi dira. Aurtengoa ikaragarria izan zen, euripean egin behar izan baikenuen ibilaldi oso-osoa, tarteka kazkabarra ere botatzen zuelarik; eta horrela bustirik, hezurretaraino blaiturik, hotza jasanezina egiten zitzaigun. Gau hartan hiru graduko hozberoa egiten zuen, iaz sei gradu zero azpitik ukan genuen, baina euririk gabe, horixe baitzen guretzat okerrena, barne-barneraino sartzen zitzaigun hezetasuna. Segizioan genbiltzan guztiok hormatuta ginen, eta gu ikustera kalera ateratzen ausartu zirenak ere antzekoz zeuden. Larunbateko jardunaldiarekin gauza bera gertatu zen, euria izan baitzen nagusi arratsalde osoan. Zanpantzar erretzeko ohikoa baino erregai gehiago bota behar izan zuten. Horrela izan zen, kontatu dizuedan bezala, Donibane Lohizunen eta Ziburun bizitu genuen inauteria, baina gauza bera gertatu zen Lapurdiko herri guztietan: Urruñan, Azkainen, Saran, Senperen, Beskoitzen, Hendaian, Uztaritzen… Hotza eta euria izan ziren, hartzarekin eta Zanpantzarrekin batera, Lapurdiko Ihauteri koloretsuaren protagonista nagusiak. 2.- Donibane Garaziko Libertimendia.- Lapurdiko Ihauteriaren errautsak euripean itzaltzen ari zirela, Garazi alderat abiatu nintzen, goizeko 9,30etan hastekoa zen Libertimendiaz gozatzeko asmoz. Otsailaren 10a zen, igandea, eta Iñaki Martiartu eta Manu Gojenola adiskide bizkaitarrak nituen bidelagun. Nafarroa Behereko inautea zahar-zaharra da, baina maleruski, II. Gerla Handiaren urte latzetan galdu egin zen. Orain dela bederatzi bat urte, Garaztarrak Dantza Elkarteak berreskuratzeari ekin zion eta gaur garai bateko indarra berriz hartzen ari dela erran dezakegu. Donapaleun ere jadanik berreskuratuta daukate eta urtero plazaz plaza eta karrikaz karrika ikusten ahal da. Nafarroa Behereko inauteria bi zatiz osatua dago: Santibate eta Libertimendia. Santibate izeneko egunean kalez kaleko ibilaldia egiten dute, ostatuetan eta herriko gune garrantzitsuetan dantzatuz eta kantatuz. Bertsolariek giroa pozten eta astintzen dute geldiune horietan guztietan. Gauean, parte hartzaile guztiek tripotx afaria egiten dute herriko elkarte edo ostatu batean. Ostiralez egiten da. Libertimendia Santibatetik astebetera egiten ohi da, igandez, eta goiz goizeko kabalkada dotore, alai eta koloretsuarekin hasten da beti, geroxeago, hamaikak aldera-edo, inaute fartsa izaten da, non umorea, kritikak, bertsoak, kantak eta dantzak nahasten diren. Eguerdi aldera eta bukatzeko bazkari herrikoia egiten dute. Donibane Garazin aurtengo Santibatea otsailaren 1ean egin zuten, hau da aurreko asteko ostiralean, eta gu, astebete berantago, Libertimendia ikusterat gindoazen. Goizeko 9,30etarako han ginen. Kaleak euri putzuz beteak ziren, baina ateri zegoen. Dena den, zeruertzetik guregana hurbiltzen ikus genitzakeen hodei beltz-beltzek ez zuten eguraldi onik iragartzen, ezta urrik eman ere. 9,30etan, puntu-puntuan, kabalkada hasi zen. Buruan zaldizko bi txapel eta jaka gorriz jantzirik, ondoren bi zapur euren aizkora eta kapelu beltz handiekin. Horien ondotik Nafarroa Beherean horren ohikoak diren bi ziganta edo erraldoi. Segidan lau zirtzil, lauak neskak. Horien gibeletik bi entseinari, horietako batek euskal ikurrina zeraman, arrano beltz eder bat besteak. Ondoren bi marexal txapel eta jaka gorriz, bi makilari makilak hodei beltzetaraino trebezia handiaz jaurtiz, zazpi andere xuri, hamahiru bolanta eder, bospasei musikari eta bukatzeko hogei bat zirtzil pitokeriak egiten eta eskuan zeramatzaten mimoxa adaxkak astintzen. Horixe zen kabalkadaren segizioa. Euri zaparrada edozein unetan bota zezakeela eta, kabalkada, errepide nagusia luzaz zeharkatu ondoren, merkatu estalira iritsi zen eta bertan ekin zion fartsa jokatzeari. Bi orenez aritu ziren merkatua betetzen genuen entzun-ikusleon poza eta irriak sortarazten. Bertsolariak Patxi Hiriart eta Gillen Hiribarren mutil gazteak izan ziren. Euren bertsoek aunitzetan barre-algarak piztu zituzten. Antton Lukuren luma zorrotz eta trebetik sorturiko fartsa lau saio edo gertalditan banatua zen eta lau gertalditan zehar, pil-pilean dauden aferak umore handiaz ekarri zituzten denon gogora: Baionako suprefetak Hendaiako ikastola berriari jarritako zangalatraba, homosexualen arteko ezkontzak, Donaixtiko eskolaren egoera negargarria, Aurore Martin zuberotarraren atxilotze eta estradizioa, frantses eta espainiar agintarien arteko konplizitatea, Kalakan taldeak Madonarekin egindako kantu bira arrakastatsua… Tarteka bertsolariak fin eta trebe aritu ziren, baita dantzariak ere bazterrak dantza ederrez inarrosten. Inaute fartsan zehar honako dantzak eskaini zizkiguten: Gau-ainarak, Azkaindarrak, Xibandriarrak, Lapurtar motxak, Teilagorri, Bolant-martxa, Euskaldunak eta Sorginak… eta amaitzeko Dantzaluze, kontradantzak eta fandangoa. Umore handiko momentuak izan ziren, Aurore Martinen atxiloketa eta estradizioa zirela eta, guardia zibilez eta jendarmez jantzitakoen arteko solasaldietan. Guardia zibilak espainiera berezi batez mintzo ziren, behin eta berriro, barreak sortaraziz, eta jendarmak, berriz, xiberotar pür-pürraz. Gainerako solasaldiak Garazi aldeko behenafarreraz izan ziren, xuka musikalaz gainezkaturik. Ordu biak aldera, eta azken fandangoarekin, 2013ko Libertimendia bukatua zen. Bertakoak autoetan sartzen hasi ziren Lasa herrira joateko, Garaziko Ikastolak egindako bazkari goxoa dastatzera. Gu Zuberoa aldera abiatu ginen, 3,30etarako Zihigan egon nahi baikenuen, aurtengo lehen maskaradaren arratsaldeko saioa ikusteko. Garazi utzi genuelarik, hotz handia zen, eta inguruetako mendi guztiak, Behorlegi famatua barne, elurrez zurituta zeuden 3.- Zihigako maskarada.- Oxkaxeko Lepoa (Oskitz ere deitua) pasatu ondoren Zuberoa ederra gure begi aurrean azaldu zen, zerua ilun, bortüak elurrez beztiturik, belarsoroak berde-berdeak… Hotza gero eta handiagoa zen. Hirurak aldera, Zihigan ginen, etxe eta baserri arteko bide luze eta okerrez betea egin ondoren. Herrira sartu bezain laster, autoa aparkatu eta bazkaltzeko generamatzan ogitartekoak jateari lotu gintzaizkion. Herrian ez zen jende askorik ikusten. Herriko arrabotea toldoz estalita zeukaten, euria egiten bazuen maskaradaren arratsaldeko saioa aterpearen goxoan egin zezaten. Bortüetatik zetorkigun haizea hotz-hotza zen, gailurretako elurrari pott emandako haizea. Auto bat iritsi zen gure parera. Allande Sokarros kazetari eta adiskidea zen. Berehala bigarren auto batean, hainbat urtetan hiruon irakasle izandako Jüje Etxebarne euskaltzale nekaezina iritsi zen. Jüje eta Allanderekin mintzatzea beti plazera izaten bada ere, Zihigako bazter izoztu haietan beraiekin hitz egin ahal izatea eta haien azalpenak entzutea sekulako luxua izan zen guretzat. Jüjek bere sorlekua erakutsi zigun, Karrikaberria izeneko etxea, eta baita Luis Ligetx (Louis Ligues frantses grafia ofizialean) bertsolari famatuaren bizitoki izandako Baratzabal izeneko etxe ederra ere. Ligetx larraintarra zen sortzez baina Zihigako Baratzabalera ezkondu zen. Jüje eta Allanderen ustetan, “Boneta eta txapela” bertso entzutetsuaren egilea izan omen da Zuberoako koblakaririk onena. Allandek hilerrira eraman gintuen eta izkina batean zegoen Ligetx familiaren hobia erakutsi zigun. Hilobian Baratzabaleko Familia irakur zitekeen eta beste bospasei izenen artean bertsolariarena topatu genuen: Louis Ligues 1901-1940. Hilobiaren ondo-ondoan eta murru ttiki batez banaturik Jüje Etxebarneren sorleku zen Karrikaberria etxe ederra. Ezker-eskuin, aitzin eta gibel, Zihiga herria inguratuz, Zuberoako mendi elurtuak. Allandek banan-banan eman zizkigun aditzera mendi haien izenak. Tartean nik ezagutzen ez nuen Lakurde izenekoa seinalatu zigun. Haren magalean zulo handia zegoen. Allandek Lakurdeko Begia deitu zion zulo hari. Kontatu zigunez, begi hori elurrez betetzen denean, bertako bide guztiak ere elurrez ixten omen dira. Hori bide da bertakoei bide haien egoeraren berri ematen diena. Berehala, bertako bazterrak jendez betetzen hasi ziren. Gehiengehienak zuberotarrak, manex eta hogoaldear gutxi, hango haize handiak ez baitzuen inor bertara gonbidatzen. Toldoz babesturiko arrabotea jendez mukuru zegoen, eta bertan zirenak goxo eta kalakan ari ziren. 3,30etan baina, bertatik atera gintuzten, euririk egiten ez zuenez gero, maskarada aitzineko plazatxoan jokatzeko deliberoa hartua baitzuten. Segituan azaldu ziren aitzindariak, beltzak eta gorriak, zamalzaina, entseinaria, kantiniersa, gatüzaina, marexalak, xorrotxak, kaüterak, Pitxu, Kabana… eta maskarada horren famatu egiten duten gainerako pertsonaia miresgarri guzti-guztiak. Denen gibeletik, eta buila handia eginez, ohiko zurezko ezpata eskuan zeramaten bühame supiztaileak. Konturatu orduko maskaradan ginen, bete-betean gainera. Zamalzain eta entseinaria biziki dantzari onak ziren. Jüjek kontatu zidanez Lükü izena zuen mutil hura, zamalzainarena egiten zuena, dantzari trebea izateaz gain, ba omen zen ona ere beste zenbait arlotan, bereiziki pilotan. Laborari Anderea Okzitaniako Tolosakoa omen da, baina euskaraz ikasi eta ikaragarri ongi integratu omen dena. Gamere-Zihigako gazteek (bi herriak 1836. urtetik bat eginda daude) egindako maskaradaz zer erran? Niri maskarada duina eta ederra iruditu zait, hurrengo saioetan, ardo onarekin gertatzen den bezala, ontzen joango dena. Pitxu kokin edo bihurri samarra, Kabana dotore eta seriosa, bühame jostakariak, dantzari airosak, neska xorrotx kantari onak… denetik badu aurtengo maskaradak eta bere bidea eginen duelakoan nago. Maskarada ikusten ari ginelarik hotza hezurretaraino sartzen zitzaigun bertan geunden guztioi. Hotzak mina egiten zuen, ganibeta zorrotzaren antzera mozten zuen. Hori dela eta, maskaradaren azken kantorea entzun bezain laster, jendea frontoi estaliko aterpera sartu zen. Guk hori ere ez genuen egin. Autoan korrika sartu eta barneko berogailua ongitxo piztu ondoren etxerako bideari lotu gintzaizkion. DANIEL URRABIETA. ILUSTRATZAILE HANDIA Gure historian badira zenbait pertsonaia ahanzturaren iluntasunetan erdi galduta ditugunak; horietako bat dugu Daniel Urrabieta Vierjé. Bere aitona-amonak Gipuzkoatik Madrilera bizitzera aldatu ziren. Danielen aita, Bixente Urrabieta Ortiz, Madrilen sortu zen. Lanbidez ilustratzailea zen eta On Kixoterako ilustrazio zenbait egin omen zituen. Marrazkilari fina omen zen eta laster Madrilgo arte-zirkuluetan arras ezaguna egin zen. Juana Vierjé de la Vegarekin ezkonduta zegoen. Juana Vierjé Napoleonen armadan ibilitako soldadu frantses baten alaba zen, Hugo jeneralaren zerbitzupean ibilia, hain zuzen. Hugo jenerala Victor Hugo idazlearen aita zen. Jon Eskisabelek 2000ko maiatzaren 15ean Euskaldunon Egunkarian plazaratu zuen artikulu mamitsuan esaten zuenez, Juana Vierjéren aita Ipar Euskal Herrikoa omen zen. Baliteke, baina maleruski ezin izan dut datu hau baieztatu. Daniel Urrabieta Vierjé 1851n jaio zen, bibliografia espainiarraren arabera Madrilgo Huertas kalean. Jon Eskisabelek aipaturiko artikuluan esaten duenez, herria ez badu zehazten ere, Euskal Herrian sortu omen zen eta oso ttikia zela Madrilera bizitzera eraman zuten. Aitarengandik marrazkiekiko zaletasuna eta trebezia jaso zituen. Bide horretatik abiatuta, 1869. urtean eta familia osoarekin batera, Parisera bizitzera aldatu zen. Garai hartan hemezortzi urte zituen. Parisen ilustrazioen munduan murgildu zen bete-betean, horretarako Victor Hugo adiskideak izugarri bultzatu eta lagundu ziola. Urte haietan Frantzia gerran zegoen Prusiarekin, eta Urrabieta gazteak gerrari buruzko ilustrazioak egiteari kemen handiz ekin zion. Ilustrazio horiek Charles Iriarte euskaldunak zuzentzen zuen Le monde ilustré izeneko aldizkari ospetsuan plazaratu zituen. Ilustrazioak izenpetzeko amaren deitura erabili zuen, eta horrela Daniel Verjié izenarekin ezagutu zuten Parisen. Bere lanak lubakietatik gertu egiten zituen, bala eta bonbetatik aski hurbil. Beraz, ongi ezagutzen zuen ilustrazioetarako marrazten zuena. Ilustrazio horiek zirela eta, laster fama handia bereganatu zuen. Horietako batean, lubakietan zebilela, preso hartu eta espioitzat jo zuten. Le monde ilustrékoek erreskatatu behar izan zuten. Bi urte berantago, Pariseko Komunaren Matxinada gertatu zenean, bertan ibili zen kazetari eta ilustratzaile. Errepresioak sortutako gertakizun latzak marraztuz ospe ikaragarri handia bereganatu zuen. Geroxeago, errusiarren eta turkoen arteko gerlan ibili zen ilustrazioak eginez eta prentsan plazaratuz, baita Bigarren Karlistadan ere. Victor Hugoren sei liburu ilustratu zituen, Miserableak sonatua horietako bat izan zelarik. Liburu horietan egindako ilustrazioek ordurako zeukan ospe handia are handiago bilakatu zuten. On Kixoterako egin zituen ilustrazioek ere bere fama areagotu zuten. 1889an, Pariseko Erakustaldian, urrezko domina eman zioten, baita Ohorezko Legioa ere. Daniel Urrabietak ez zuen oso bizitza erraza izan. 1887an, Frantziak Victor Hugori sekulako omenaldia egin zion egun berean, hemiplegia batek jo zuen eta horren ondorioz eskuin aldearen mugikortasuna galdu zuen betiko. Hogeita hamar urte zituen orduan. Ezkerreko eskuaz marrazten ikasi behar izan zuen eta orduko lekukoen arabera, eskuinaz bezain ongi marrazten omen zuen. Bere maisulanetako aunitz ezkerreko eskuaz egin zituen. 1904an hil zen On Kixoterako aurrez pentsatuta zituen ilustrazio guztiak ezin amaituz. Orduz geroztik, Daniel Urrabietaren ilustrazioak zenbait erakustaldi ospetsutan egon dira erakusgai. 1905ean Gran Palais des Champs Elysées delakoan. 1912an Musée des Arts Décorativs izeneko museoan eta 2005ean Madrileko Centro Cultural Conde Duque y Calcografía Nacional izeneko kultur egoitzan. Euskal Herrian, nik dakidala, inoiz ez da Urrabietaren ilustrazioekin inolako erakusketarik egin. Euskaldunok badugu zer kitatu ilustratzaile handiarekin. BAIONAN KORRIKA EUSKARAREN ALDE 2013ko martxoaren 24an, igandearekin, eta arratsaldeko lauak aldera, hemezortzigarren Korrikaren lekukoa Gipuzkoatik Lapurdira igaro zen Santiago zubitik barrena. Hendaiako karriketan ibili ondoren, Pausutik gora, Teilatu-baitako gaina igoz, Urruña herrira iritsi zen. Goizaldeko 5,30ak ziren. Urruñarrak zain zeuden, eta lekukoa eskuz esku, elkartez elkarte txandatuz, Zibururaino eraman zuten. Ziburutik Donibane Lohizunera eta hortik barnealdera. Azkainera goizeko 6,45etan iritsi zen eta hortik Senperera abiatu. Senperetik gora gero, Arbonara, Miarritzera, Angelura… eta eguerdiko 12,30etan Korrika azken helmugara iritsi zen, Baionako herriko etxera. Urruñatik pasatu zenean ohean nengoen, nire berrogeita hamazazpi urterekin ez bainuen nire burua ikusten halako ordu ttikitan lasterka egiten. Nire buruak nahi zuen arren, nire gorputzak ez zion uzten. Familia ordezkatuz, berriz, 23 eta 21 urteko Irandatz eta Etxahun semeak ibili ziren lasterka Korrika gogoangarri hartan. Zaharrena, gainera, Senpereraino joan zen antxintxika. Goizeko 8,30ak aldera, Baionara joateko prestatzen ari nintzela, itzuli zen etxera, eta dutxa bero bat hartu ondoren, oherako bidea zuzen-zuzenean hartu zuen. 9etan, Bizkaitik zetorren Iñaki Martiartu adiskideak etxean hartu ninduen eta Baionarat abiatu ginen. Korrika honek ordurako hamar egun zeramatzan Euskal Herriko lurralde eta bazter guztietan barrena. Martxoaren 14an, ostegunarekin, eta arratsaldeko 4,30etan, hasi zen Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Euskalgintzarekin loturiko hamabi langilek eraman zuten lekukoa parkearen barruan eman zuten itzulian. Horixe izan zen 18. Korrikaren hasiera. Geroztik, gure geografiaren luze-zabalean ibilia zen euskararen garra pizturik zeramala. Martxoaren 16an, larunbatarekin. Korrika Auritzetik abiatu zen goizeko 9etan, eta Orreaga eta Luzaide zeharkatu ondoren, Nafarroa Beherera sartu zen Arnegitik. 12,15etan Donibane Garazira iritsi zen eta Oxkaxeko lepoa nekez gainditu ondoren, Maulera iritsi zen arratsaldeko 5etan. Gero, Donapaleura, Hazparnera, Itsasura eta amaitzeko Kanbora. Hurrengo egunean, hau da igandean, Korrika Nafarroara itzuli zen Baztango lurretatik barna sartuz. Igande hartan, hau da martxoaren 24an, Korrika Iparraldeko lurretara itzulia zen. Lapurdiren txanda zen, txanpa finala gainera. Gu Baionara heldu ginenerako zazpi Euskal Herrietatik joandako jende uholdea iristen hasia zen. Eguraldi ederra genuen, ateria, eta ez zen gutxi, oso negu luzetik atera berriak ginela kontuan harturik. Eguraldi igarkizunek arratsalderako zaparradak iragarri zituzten eta horrek eragindako beldurra garbi nabari zitekeen Lapurdiko hiriburuko plazak eta karrikak betetzen hasiak zirenen janzkeran, aterkiak eta xirak baitziren nagusi. Xahoren Kaian herri bazkarirako xapito edo oihalezko aterpe handia altxatua zuten. Bostehun lagunendako tokia omen. AEK-k Marengo Karrikan duen Kalostrape ostatu ospetsurantz abiatu ginen. Kaleak jendez mukuru ziren eta Kalostrapen kostata zurrupatu ahal izan genuen kafe bero bana, mostradorera hurbiltze bera ere aski nekeza baitzen. Ostatua, Lapurdiko hiriburu osoa bezala, adin eta jatorri guztietako jendez gainezka zegoen. Baionako Bestetan ginela zirudien, bakar-bakarrik ohiko kolore zuri-gorriak falta ziren. Baiona jendez, soinuz eta kolorez betea zen. Karriketan euskal bazter guztietatik etorritako lagunak nahasten ziren eta euskalki guztien doinua entzun genitzakeen. Baina ez ginen euskaldunak bakarrik Baionako kaleetan barna genbiltzanak, baziren beste naziotatik etorritako lagun ugari ere: bretoiak, katalanak, korsikarrak, okzitaniarrak… eta euren ikurrinetako koloreek exotismo puntu bat ezartzen zioten egunari. Izkina batean Basusarriko Patxi Perez musikari famatua txirula jotzen ari zen. Haren soinuari jarraiki berrogei bat lagun dantza-jauzitan ari ziren. Gu ere gehitu gintzaizkien. Izkina hartan Baionako Aviron Bayonnais errugbi taldekoek lekukoa jaso behar zuten handik hamar minutura. Taldearen ikurrin zuri-urdinak zeramatzaten gazteak hurbiltzen hasi ziren. Beraien artean Aretz Igiñiz taldeko kapitaina zegoen. Laster ehuneko batzuk ziren bertan aiduru zirenak. Korrika bertara iristean, Aretz Igiñiz hendaiarrak lekukoa hartu eta lasterkari ekin zion. Haren gibeletik joan ziren gainerako guztiak euskararen aldeko oihu eta aldarriak lau haizetara zabalduz. Txirularia eta dantzari gehien-gehienak lasterkari lotu zitzaizkion. Eguerdiko hamabiak ziren eta oraindik herriko etxe aitzineko zabaldira iristeko ibilaldi luzea egin beharra zeukaten, kalez kale eta auzoz auzo. Gu Errobi ibaiaren lehen zubi alderantz hurbildu ginen eta bertako murru batean igota, 12,30etan, Atturri ibaiaren beste aldetik, hango zubi luzea igaroz, etorri zen jende tropel ikaragarri handia ikusi ahal izan genuen. Berehala, herriko etxeko zabaldia bete zuten, hala ere, gero eta jende gehiago zetorkigula zirudien. Jende oste handi hark amaierarik ez zuela ematen zuen. Euskararen aldeko aldarriek Baionako atmosfera gainezkatu zuten: Ika, ika, ika, heldu da Korrika!, Hemen gaude euskararen alde!, Euskara ofiziala orain! Biba Baiona euskalduna!... Hura ikaragarria zen, bihotzaltxagarria, hunkigarria, eta hunkigarriagoa oraindik Amets Arzallus bertsolari hendaiarrak Korrikaren 2.587 kilometroak eginda zituen zurezko lekukoaren barneko mezua atera eta ozenki irakurtzeari ekin zionean. Berak idatzia zen. Testuak Ama hizkuntza izena zuen. Horra hor: “Ama hizkuntza esaten dugu hizkuntzaz erditzen garelako.Erditzen esaten dugu amak gu egiten gaituenean guk ere bera egiten dugulako ama, elkar egitea da erditzea. Antzeko zerbait gertatzen da hizkuntzarekin ere. Hizkuntzak egiten gaitu gu eta guk egiten dugu hizkuntza. Elkarren lekuko gara. Elkarri emanez bizi gara. Hizkuntzak guri eta guk hizkuntzari, arnasa eta izatea. Ikasten ari denak ematen dio irakasten ari denari zentzua. Irakasten ari denak ematen dio hiztun zaharrari norabide berri bat. Hiztun zaharrak eman behar dio ikasten ari denari eskua. Denok eman behar diogu elkarri euskara. Euskara da ene ama hizkuntza. Baina ama hizkuntza zer da? Ama hizkuntza ez da lehenik ikasten den hura, ez da amaren magalean jaso genuen hura, ama hizkuntza da, enetzat, pentsatzeko baliatzen dugun hizkuntza. Gure arrazoiak eta irudiak nola fabrikatzen ditugun han dago gure ama hizkuntza. Eta posible da, bizitzan zehar, euskara ama hizkuntza bilakatzea, euskaraz pentsatzen ikastea. Bide horretan zatoztenoi miresmen eta goraintzi, eta norbaitek esaten baldin badizue zuek euskaldun berriak zaretela, edo euskara ez dela zuen ama hizkuntza, esaiozue zaharra izatea ez zaiola inori gustatzen, eta bide batez, esaiozue, ama hizkuntza ez dela lehenik ikasten den hura, pentsamendua sortzen duen bakoitzaren hizkuntza baizik. Herri hau ere euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen. Hautatzen diogun ama hizkuntzaren arabera dago gure herriaren geroa. Erdaraz mintza araziko gaituztela? Badakigu hori. Herri honek pentsatu beharko du zerbait erdarari buruz, baina herri hau ezin da pentsatu erdaraz, herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen. Herri bat erditu nahi badugu, inork erditzekotan, ama hizkuntzaz erdituko gara.” Bai, halaxe zen. Baionan Herri bat erditzeko asmoa nabarmen ikus genezakeen, euskara indartzeko eta Iparraldeko hiru lurraldeetan ofizial bihurtzeko nahia bertara hurbildutakoen ezpain eta bihotzetan irakur zitekeen. Gero, Korrikaren bukaerako ekitaldia amaitu ondoren, jendetza hura Baionako karriketan barneratu zen. Ainitz Xahoren Kaian ezarritako xapitora hurbildu ziren, beste ainitz ostatu eta kafetegietan gelditu ziren zintzurra bustitzen eta euskal kantu ederrak abesten. Baiona Kantuz-ekoak merkatu aurreko zabaldian ari ziren bazterrak pizten. Plaza hura txori kantariz bete-betea zen. Ordu bietan bazkariaren tenorea zen. Ilara luzea egin ondoren xapitora sartu ginen. Puntu-puntuan zerbitzatzen hasi zitzaizkigun. Kuxkuxtu txarangakoek sekulako giroa jarri zuten bertan. Bazkaltzeko maikolak (babarrun zuriak) eta zikiroa; eta azken-bururako pastiza, gazna, kafea eta patxarana. Dena hogei eurotan. Zer gehiago eska genezakeen? Kafearen orduan, Kuxkuxtu txarangako kide den Mixel Bizkai urruñarrak Erribera eta Bedaxagarren Nafarroa izeneko jota zoragarriak eskaini zizkigun bertan geundenoi. Hura zirrara, hura emozioa guzion bihotzetan piztu zuena! Bostak aldera xapitotik atera ginen merkatu aldera joateko, Patxi ta konpainia entzuteko asmoz. Baiona adin guztietako jendeez beteta jarraitzen zuen. Batzuk dantzan ari ziren, kantuz besteak, edota kalaka alaian. Iragarritako zaparraden arrastorik ez. Zuberotar batek honela erran zion aldamenean zuen emakumeari: Egün Xinkoa gureki düzü! Eta emakumeak honela erantzun zion: Egün bai, gureki düzü, bena beste hanitxetan ez! Gu, bi orenez edo, dantza-jauzitan aritu ginen hango giro ederrean murgildurik. Bederatziak aldera, itzultzeari ekin genion. Martxoaren 24 hartan Baiona euskararen hiria izan zen. Horrela izan bedi luzaz, jadanik urratzen ari garen etorkizun hurbil eta emankor horretan. Herri hau ere euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen. Hautatzen diogun ama hizkuntzaren arabera dago gure herriaren geroa. Erdaraz mintza araziko gaituztela? Badakigu hori. Herri honek pentsatu beharko du zerbait erdarari buruz, baina herri hau ezin da pentsatu erdaraz, herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen. Herri bat erditu nahi badugu, inork erditzekotan, ama hizkuntzaz erdituko gara. (Amets Arzallus) BETTI BETELU, LAPURDIKO DANTZA-MAISU NEKAEZINA Gaur egun, dantza-jauziak --mutxikoak ere deituak-- Euskal Herriko bazter guztietara hedatzen ari dira. Ez dago bestarik dantza-jauzirik gabe. Baina oroitu behar dugu beti ez dela horrela izan. Bi Gerla Handiek eta ondorengo frantses politika zentralistak kalte handia egin zieten euskarari eta euskal kulturari. Iparraldeko euskaldun ainitzek euskaldun izatearen harrotasuna edota kontzientzia bera galdu zituzten. Euskal folklorea turistak erakartzeko afera bilakatu zen. Akulturazioa zen nagusi. Hirurogeita hamarreko hamarkadatik aitzina, abertzale eta euskaltzaleen lanaren ondorioz, egoera pittaka-pittaka aldatzen hasi zen. Euskal dantza asko galduta edo erdi galduta zeuden, urratsak ahantzita… eta hor hainbat lagunek, kemen handiz, berreskuratze prozesuari ekin zioten. Horietako eragile bat Pierre edo Betti Betelu izan zen. Betti Betelu Dagerre Arrangoitzeko Hehailia etxean sortu zen 1924ko maiatzaren 14an, zazpi anaia-arrebetan bigarrena izan zelarik. Betelutarrek jatorria Latasako Mandategia baserrian zuten eta Nafarroatik Lapurdira igaro ziren. Aita Jean Baptiste Betelu zuen, Ahetzeko Urdinaenia etxeko familiakoa eta ama, Maiana Dagerre, Arbonan sortua. 1946. urtean, Betti Betelu Valentina Viana (Bitta deitua) miarriztarrarekin ezkondu zen. Bitta sortzez Bribieskaren ondokoa bazen ere, 1936ko gerlan, gaztea zelarik, Miarritzera etorria zen. Sei seme-alaba eduki zituzten: Mikel, Gérard, Maite, Txomin, Serge eta Valèrie. Lanbidez, hasieran, okina izan zen, eta gero arropak saltzen aritu zen Baionako Pilori plazan zen Maison Roger-entzat. Horretarako etxez etxe ibiltzen zen. Ondotik, bere kontura ezarri zen gauza bera egiten. Zaletasunez, gazte urteetan Betti pilotari aritu zen. 1944an, hogei urte zituela, Oldarra taldean sartu eta hor euskal dantza sakon ezagutzeko aukera ezin hobea eduki zuen. Aipatu taldean bederatzi urtez dantzari aritu ondoren, taldea utzi eta Miarritzen Bi Harri dantza taldea eratu zuen. Talde horretan 1960. urtera arte aritu zen buru-belarri. Gero, dantzarik gabeko bederatzi urteko aldia hartu zuen. 1969an Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteak dei egin zion hil berria zen Peio Colombet elkarteko lehendakariaren omenezko ekitaldi bat presta zezan, eta elkarte horretan jarraitu zuen dantza-maisu gisa 1990. urtera arte, hau da, Heriok gure artetik eraman zuen arte. Miarritzen hil zen, bihotzekoak jota, San Martin trinketean, pilota partida bat jokatzen ari zela. Hil zelarik hirurogeita sei urte zituen. Arrangoitzeko hilerrian ehortzi zuten. Elizatik ateratzean hilkutxa pilota-plazako erdi aldean ezarri zuten eta dantzarako urratsak ematen ari zen Beteluren grabazio bat jarri, segidan, senideek eta ehorzketara hurbildutakoek hilkutxaren inguruan zenbait dantza-jauzi burutu zituzten haren urratsei jarraiki. Begiraleak elkartean burutu zuen lana ikaragarria izan zen. Pierrot Gil adiskidearekin batera, Euskal Herri osoa zeharkatu zuen ikerketa handiak eginez, hilzorian ziren dantza-jauziak osatu, berpiztu eta zabaldu zituen, Lapurdiko inauteria ahanzturaren iluntasunetatik atera eta piztu zuen 1974an Begiraleak elkartearen bidez berriro plazaratuz, bestelako dantza ainitz berreskuratu edo moldatu egin zituen; azken horien artean, gogora ekartzekoa da Lapurdiko fandangotik abiatuta, gaur Euskal Herri osoan famatua den fandango zoragarria. Begiraleak elkartearen 50 urteren kari, plazaratu zuen lehen aldiz. Herriak Betti Beteluren fandangoa deitzen dio. 1979an Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak Lehen Mutxikoaren Eguna antolatu zuen Bidarten, eta bera hor ibili zen gaur horren ospetsua den egun horren antolakuntzan. Orduz geroztik, ekitaldi hau urtero antolatu da, urriaren bigarren igandean, baina Arrangoitzen, hau da, Beteluren herrian. Horretaz guztiaz gain, astero berrogeita zortzi ordu pasatzen zituen dantza erakusten Begiraleak elkartean eta azken urteetan baita ikastoletan ere. Guztira sei mila ikasle baino gehiago trebatu omen zituen. Ikus dezakegun bezala, Betti Beteluk egin zuen lana izugarria izan zen, euskaldunok inoiz bere neurrian eskertu ahal izanen ez dugun lan oparo eta aberatsa. Horretan kontziente izaki, hainbat ekintza eta ekitaldi antolatu dira hor-hemenka arrangoiztarraren omenez eta oroitzapen onez. Begiraleak elkarteak bere dantza areto nagusia “Betti Beteluren sala” izenaz bataiatu zuen elkartean urte luzetan maisu paregabea izandakoaren oroigarriz. 1995. urtean, Begiraleak elkarteak, elkartearen 60. urteurrenaren kari, liburu eder bat plazaratu zuen elkartearen historia eta kultur ekarpenak azalduz. “Begiraleak 60. urtez Lapurdiko folklore-ohiduren begirale” izena zuen. Liburu horretan kapitulu oso bat Beteluri eskaini zioten. Kapituluaren hasieran honako azalpena ematen zuten: “Mutxikoak (edo dantza-jauziak) dantzatzekotan, ezagutu behar dira urratsen segidak, eta batzuk nahiko luzeak dira. Horrengatik, dantzari-gidari batek gora erraten ditu urratsak, eta gaur egun mutxikozale gehienentzat bere funtzioa beharrezkoa da. Betti Betelu Lapurdiko azken dantzari-maisuak berreskuratu zituen dantza-jauzi urrats ainitzen segidak. Egin zuen lan izigarriari esker, hemen ditugu zinez mutxiko batzuen ohiko urratsak. Bainan bertze batzuetan jadanik betiko galduak zirelako, asmatu behar izan zituen zati batzuk. Parte horiek eskas izanagatik galtzekotan ziren dantza-jauzi zonbait. Gaur egun berari eskerEuskal Herriko plazetan dantzatzen ahal ditugu. Argitaratzen ditugu hemen, Betelu jaunak azken urteetan utzi zizkigun mutxiko urratsen segidak, eta geroztik Begiraleak taldean zaintzen ditugunak.” Ondorengo orrietan, urrats guztiak emanik, Beteluk osatutako eta zabaldutako dantza-jauziak, urrats guztiekin, osoosorik, eskaintzen zizkiguten: Ainhoarrak, Añuar ttipia, Azkaindarrak, Hegi, Lapurtar motxak, Lapurtarrak, Mariana, Millafrankarrak, Mutxikoak, Orzaiztarrak, Ostalerra, Teilagorri eta Zazpi jauziak. Orotara hamahiru dantza-jauzi. 2010eko maiatzaren 2an, Dantzari Eguna izan zen Lapurdin, Baionan, hain zuzen ere, eta Betti Beteluren heriotzaren 20 urteen kari, sekulako omenaldia egin zioten. Ez dezagun ahaztu, arestian aipatu dugun Mutxikoaren Eguna. Urtero, urriaren bigarren igandean, Arrangoitzen, goizeko euskal meza bukatu ondoren eta eguerdiko dantza saioa hasi aurretik, senide, adiskide eta antolatzaileek lore eskaintza egiten baitiote bere hilobian. Lapurdik eta Euskal Herri osoak asko zor dio Arrangoitzeko dantzamaisu edo errejenta handiari, bera izan baita, neurri handi batean, euskal dantza herrikoia izaten ari den loratze berriaren bultzatzaile nagusienetako bat. Beteluk dantza-jauziak berpiztu eta indartu zituen Lapurdiko kostaldean, eta herritarrek maisu handiaren suzia hartu eta Euskal Herri osora zabaldu dute. Eta zer esanik ez Lapurdiko inauteriaren berpizte handiaz. Nire aldetik, esan beharra daukat, Betti Beteluren fandangoa entzuten edota ikusten dudan aldiro, zirrara zoragarria sumatzen dudala bihotzean, Beteluk piztutako suak eragiten didan zirrara xarmangarri eta alaia. Agur eta ohore Lapurdiko dantza-maisu handiari! 1828ko XARIBARIA EZPELETAN Xaribaria Erdi Arotik datorren usaia da, Europa osoan zabaldurik izan zena. Garai zaharretan senar-emazteen gatazkak, alargunen arraezkontzak eta gisa horretako gaiak ziren plazan horrelako ekitaldi baten bidez salatzen zituztenak. Euskal Herrian, gainerako herrietan bezalaxe, ohitura hau biziki sustraiturik zegoen. Europan gehien erabili zen izena Charivari da. Euskaldunok tokian araberako izenaz bataiatu genuen. Xaribari hitza ohikoa izan dugu zazpi euskal herrietan, baina horretaz gain izen ainitz erabili ditugu: Tobera-munstra, astolasterra, galarrotsa, zintzarrotsa, karrusa… Gizarte giristinoaren autozentsura modukoa zela aipa genezake, hau da, moral giristino hertsiaren aurkako gertakizunak edota ekintzak salatzeko eta herritarren aitzinean zigortzeko balio zuten besta kutsuko sasiauziak. Eliza katolikoak xaribari horien bidez kontrol handia ezartzen zuen herritarren artean. Barregarriak zirenez gero herri xeheak biziki maite zituen, eta normalean gazteak izaten ziren horrelakoak antolatzen zituztenak. Herriaren arau moralak hausten zituztenak zorretan zeudela uste zuten gainerako herritarrek, eta horregatik horrelakoak antolatzeari ekiten zioten, ainitzetan inolako gupidarik gabe. Tobera edo horrelakoetarako hautatuak zirenek jende aitzineko sasiauzi haiek saihestu zitzaketen gazteei sosak emanez edota antolatzaileak arno trago batera gonbidatuz gero. Fitsik ez bazuten ordaintzen egoerak okerrera jotzen zuen eta gaueko xaribari edo toberak antolatzen zituzten pertsona horien leiho azpian. Garrasiak, tutu edota zintzarri soinua eta horrelakoak egiten zituzten herriko guztiek horren berri ukan zezaten. Hilabete oso bat iraun zezakeen. Amaitzeko herriko plazan alegiazko epaiketa bat egiten zuten, jujea, abokatak, lekukoak eta guzi. Bertsolariek ere giroa berotzen zuten xaribarirako hautatu pertsonei buruzko bertso barregarriak kantatuz. Auziaz gain, dantzek eta kantek ere sekulako garrantzia zuten horrelako ekitaldietan. Ibilaldi modukoak antolatzen zituzten sujetaren etxetik epaiketa egin behar zuten plazaraino eta bukatzean, gauza bera baina alderantziz. Sarritan zaldiak, astoak edota zalgurdiak erabiltzen zituzten. Hauek dira kabalkadak. Kabalkadetan parte hartzaileak ibiltzen ziren talde zenbaitetan banaturik: bolantak, kaskarotak, andere xuriak, zapurrak, banderariak… Erdi Arotik zetorren usai honek Ipar Euskal Herrian Bigarren Gerla Handira arte iraun zuen. Orduko gizartea aldatua zen eta ez zuen begi onez ikusten horrelako salaketa publikoak egitea, hori dela eta, debekatu egin zituzten. Azken tobera klasikoa Irisarrin 1937. urtean egin zutena jotzen bada ere, jakin badakigu, geroxeago ere zenbait tokitan gaueko toberak egin zituztela, Hazparnen, Itsasun, Garazin, Luzaiden… 1950. urtetik aitzina tobera berrien tenorea etorri zen, Luhuson, Makean… gaia ez zen garai bateko salaketa moral hura, alegiazko gaien inguruko epaiketa baizik. Gaia aldatua zen, baina egitura guziak bere hartan jarraitu zuen: dantzak, kantak, bertsoak, kabalkadak, pertsonaiak… 1970. urtetik aitzina boterearen aurkako toberak antolatu zituzten. 1974. urtean Iholdin zegoen aintzira proiektu baten kontrako tobera antolatu zuten. Joera berri honek tobera arrapiztu eta indartu zuen. Hortik aitzina horrelako kabalkada-tobera ainitz antolatu ziren, Eiheralarren, Baigorrin, Amikuzen… Lapurdiko barnekaldean eta Baxenafarroan toberak izugarri indartu ziren, eta herri ainitzek antolatu zituzten, Itsasun, Lekornen, Luhuson… baita auzoa den Heleta baxenafarrean ere. Itsasu izan da tobera-munstra gehien egin duena, bost urtetan behin-edo egin izan duelako. 2012. urtean Irisarrik sekulako kabalkada eskaini zuen, bi saiotan, eta urte berean, Itsasuk ere besta kari biziki tobera ederra eskaini zuen. Toberaren arrapizte hau orain arte, barnekaldean gertatu da, kostaldetik urrun. Dena den, Urruña herriak kostaldera berriz ekartzeko deliberoa hartu du, eta jadanik berrehun bat urruñar bete-betean ari dira entsegutan 2014ko ekainean plazaratu nahi duten kabalkada-zintzarrotsa prestatzen. Zorte handia ukan dezaten. Arestian erran bezala, oraingo toberek edo zintzarrotsek ez dute zer ikusirik garai bateko xaribari gaizto haiekin. Ikusgarri edo espektakulu hutsa dira, eta bertan kritikek lekua hartzen badute ere, ez dute inolako antzik garai bateko trufa eta xantaia salbai haiekin. Euskaldunok jakin izan dugu hau ere zuhurki moldatzen. Artikulu honetan aipatu nahi dut Ezpeletan, 1828an, bertako neska gazte baten kontra herritarrek antolatu zuten xaribari basa eta itsusia. Horretarako G. Hérelle-k 1924an RIEV aldizkarian plazaratu zuen “Les charivaris nocturnes” izeneko artikulu aberats eta mamitsua dut iturri. Aipatu artikuluan Hérelle-k kontatzen digunez, Lapurdira etorritako bakeepaile frantses bat Ezpeletako neska batez maitemindu omen zen. Mutila protestantea zen eta Ezpeletako neska familia katoliko batekoa, herriko ostaler ezagun baten alaba. Ezpeletako auzapezak arazorik gabe ezkondu zituen, baina herriko apezak ez zien elizaren benedikazioa eman nahi izan. Neska-mutil gazteak Urdazubira joan ziren apez baten benedikazioa atzeman nahian, baina alferrik, Urdazubin ere ez baitzuten horrelakorik lortu. Orduan, Baionara abiatu ziren eta han Pyt izeneko artzain protestanteak ezkondu zituen. Ezpeletara itzultzean, herri guztia heien kontra zela ikusi zuten. Bekatua omen zen protestante batekin ezkontzea. Herritarrek, bertako apezak puxaturik, alimaleko xaribaria antolatu zuten, eta hilabete bat pasatxo, ibili ziren gauero, kantuak, bertsoak, irainak eta burrunba egiten senar-emazte gazteen leihopean. Xaribariaren lehen bertsoa honela hasten zen: Mila zortziehun eta hogoi eta zortzian mirakulu bat gertatu zen eskualdunen artian protestant bat ezkondurik Ezpeletako herrian neska koket bat harrapatu du zabilana airian. G. Hérelle-ren artikuluan irakurtzen ahal dugunez, azkenean erregeprokuradoreak parte hartu behar izan zuen xaribari haren antolatzaileei isun edo amanda handiak ezarriz. Horrela bukatu omen zen historia itsusi hura. Kontakizun hits honetan ongi ikusten dugu zein estekatuta ziren xaribariak moral katoliko hertsiarekin. Penagarria, baina gaur egun ere baditugu horrelakoak gure artean. Orain ez dira protestanteak ezkondu nahi dutenak, homosexualak baizik, eta xaribariak antolatzen ez dizkieten arren, heien aurkako jazarpena ikaragarri handia da. Arrangoitzen begiratu, besterik ez dugu egin behar nire hitz hauek baieztatzeko. NAPOLEON, WELLINGTON ETA EUSKALDUNAK Noraino iritsi daiteke gizakiaren ergelkeria? 1.- Hastapenak.- 1807ko urriaren 23an, Napoleonek eta Espainiako Karlos IV.ak Fontainebleauko Hitzarmena izenpetu zuten. Akordio honek baimena ematen zien frantsesei Espainia zeharkatzeko eta Portugal inbaditzeko. Portugal Ingalaterraren aliatua zen, beraz, Frantzia eta Espainiaren etsai. 1807ko azaroan armada frantses-espainiarrak Lisboa hartu zuen eta Joan VI. Portugalgo erregea, bere familiarekin batera, Brasilen babestu zen. Denbora berean, frantses armadak Espainiako hiri nagusiak bereganatu zituen. Egoera nahasiaz baliatu zen Fernando printze espainiarra bere aita errege-aulkitik kentzeko eta koroa hartzeko Fernando VII. izenarekin. Aitaren eta semearen arteko liskarrak zirela eta, Napoleonek biak deitu zituen Baionara, Marracq-eko jauregira, hain zuzen ere, auzia konpontzen laguntzeko estakuruaz. Napoleonek behartuta, bai aitak eta bai semeak uko egin behari izan zioten Espainiako koroari eta enperadoreak Jose Bonaparte anaia ezarri zuen errege Espainian. 2.- Eta Euskal Herrian zer? 1807an, Inperioko tropak Lapurditik eta Nafarroa Beheretik Hegoaldeko euskal lurraldeetara sartu ziren eta berehala kontrolpean hartu zituzten lau hiriburuak eta gainerako herri nagusiak. Napoleonek Ebrotik gorako lurraldeak, hau da, Hego Euskal Herri osoa, Aragoi eta Hego Katalunia Inperio Frantsesaren barruan sartu nahi zituen, zenbait departamendu eginez. Horretarako bidean edo, Bizkaiko Gobernua antolatu zuten, barruan Araba –Trebiñu barne-, Bizkaia eta Gipuzkoa sartuz. Hiriburua Donostian ezarri zuten hasieran eta ondoren Gasteizen. Nafarroa Garaian Nafarroako Gobernua ezarri zuten, Iruñea hiriburu zuelarik. Uztaritzeko Garat anaiek zazpi euskal lurraldeak batuz erresuma bat antolatzeko eskakizuna egin zioten Napoleoni, baina ez dirudi enperadorearen asmoetan horrelako aukera zebilenik. Frantsesek, gerraren gastuak ordaindu ahal izateko, Hegoaldean zergak igo zituzten eta honek jende xehearen haserrea piztu zuen. Dena den, Hegoaldeko euskaldunak hor ibili ziren batekin eta bestearekin, batzuetan lagun, besteetan etsai. Gipuzkoako Foru Aldundiak frantsesen alde egin zuen garbiki. Zenbait herritarrek frantsesen kontrako gerrilletara jo zuten, Jauregi Artzaia kasu, eta abar. 3.- Frantsesen gibelatzea eta Gasteizko gatazka.- 1811ko maiatzean Wellington buruzagi ingelesa, Portugal bereganatu ondoren, Espainiara sartu zen gudaroste aliatu handi baten buru. 1812ko agorrilaren 11n, Madril hartu zuen. Jose Bonaparte erregeak Iparraldera ihesi egin behar izan zuen. 1813ko ekainaren 19an Jose Bonaparte eta Jourdan mariskalaren armada Gasteizera iritsi ziren eta Jose erregeak Oihaneder jauregian hartu zuen aterpe. Bitartean, frantses soldaduek defentsarako lerroak prestatu zituzten. Bi egun beranduago, hau da, ekainaren 21ean, Wellingtonen tropa aliatuek eraso egin zuten. Gatazka Arabako lautadan izan zen eta hamabi ordu iraun zuen. Frantsesen porrota erabatekoa izan zen eta Jose Bonapartek, ingeles soldaduen hurbiltasuna ikusirik, zaldiz egin zuen ihesi Iruñea aldera. Egoeraren larritasunaz kezkaturik, Wellingtonen adiskidea zen Alaba jeneral gasteiztarra Gasteizera sartu zen bere soldaduekin eta harresietako ate guztiak ixteko agindua eman zuen. Horri esker salbatu zuen Gasteiz aliatuen arpilatzetik. Iheslariek Iruñea aldera jo zuten hasieran, eta Iruñea erortzean, Iparraldera gero. 4.- Soult mariskala, Donostia eta San Martzial.- Uztailaren 1ean, Napoleonek Alemaniako Dresde hirian Soult mariskalarekin bildu eta Pirinioetako Armadaren buru izendatu zuen. Aliatuak Ebrotik behera bidaltzeko agindua eman zion. Uztailaren 12an Soult Baionan zen eta 25ean soldaduak Orreaga, Ainhoa eta Amaiurtik barrena igorri zituen, eta 27an Iruñea aurrera iritsi ziren, Soraurenera, hain zuzen. Etsaien indarraz oharturik, 30ean gibelerat egiteko agindu behar izan zuen eta Etxalartik barrena Sarara itzuli ziren. Bitartean, eta ekainaren 28tik, Wellingtonek Donostia hesituta zeukan, baina ezin hartuz zebilen. Agorrilaren 31n, hiriko bolborina istripu batez lehertu zenean sortu zen zulotik, tropa aliatuak hiri barnera su eta gar sartu ziren. Badirudi Castaños jeneral espainiarrak hiria arpilatzeko eta biztanleak labainkadez hiltzeko agindua eman zuela. Ez dago hitzik Wellingtonen soldaduek Donostian egin zutena kontatzeko, hilketak, lapurketak, bortxaketak, erreketak… Etxe guztiak (600 ) erre, neska, emazte eta amatxi guztiak bortxatu, 1000 bat donostiar erail eta Donostiako 1.600 familia lur jota, miseria gorrienean, utzi zituzten. Larrutik ordaindu zuten donostiarrek frantsesen eta espainiarren arteko gerrate hura. Joxe Bixente Etxegaraik triskantza hura bertsotan kantatu zuen. Azkenak honela dio: Onra galdu eta hil lapurtu guztia eta gero ondoren erre Donostia. Donostiar tristeak zer egingo degu? nola negu gogorra igaroko degu? Ez herri ta ez etxe ezta ere jantzirik jatekoa garesti ta ez izan dirurik. Egun berean, San Martzialeko gatazka izan zen Irungo Aldabe mendian. Sei mila gizon inguru hil ziren borrokaldi hartan eta frantsesen porrota ikaragarria izan zen. 5.- Gerla Iparraldean.- 1813ko urriaren 7an, Wellingonen tropek Bidasoa ibaia zeharkatu zuten eta Hendaiara sartu ziren bertan gotortuz. Azaroaren 10ean, Urdazuri ibaiaren inguruetako gatazka handia hasi zen. Aliatuak Axuria menditik, Zugarramurditik, Lizuniagako lepotik eta Larrungo magaletatik barna Lapurdira sartu ziren. Berehalaxe Sara hartu zuten, Senpere, Ezpeleta… ondoren. Zazpi mila gizon inguru hil omen ziren borrokaldi hartan. Egun bereko gauean Soult mariskalak Donibane Lohizune biztanlez husteko agindu zuen. Azaroaren 26an, Wellingtonen soldaduek Uztaritze eta Larresoro aldera agin zuten. Abenduaren 9an Kanbo, Itsasu, Uztaritze… hartu zituzten eta Errobi ibaiaren eskuin aldera iritsi ziren. Abenduaren 13an Mugerreko gatazka izan zen. 1814ko otsailaren 14an Heleta hartu zuten eta 23an Baiona inguratu eta hesitu egin zuten. Frantsesek Errobi ibaitik gora ihesi egin zuten. Hortik aitzina borrokak Euskal Herriko lurraldeetatik kanpo jarraitu zuen. Otsailaren 27an Orthez-eko gatazka izan zen, martxoaren 12an aliatuek Bordele hartu zuten eta apirilaren 11n Tolosa. Apirilaren 14an, Napoleonek abdikatu zuen eta honela gerla bukatu zen. 6.- Armaden jokaera Euskal Herrian.- Napoleonen anbizioak Europa osoa eraman zuen suntsipenera, gerrak, hilketak, lapurretak, bortxaketak, etxe eta baserrien erreketak… Europa osoko mutil gazteak armadetan sartu zituzten, heien gogoaren kontra, eta horietako aunitzek gerla-zelaietan eman zuten azken hatsa. Hor galdu zen Europako gazteriaren lorea. Napoleon XIX. mendeko Hitler izan zen, dudarik gabe, Europa osoa erraustu zuen zoro handinahia. Eta Euskal Herrian gauza bera gertatu zen, soldaduek, armada batekoek zein bestekoek, hil, erre, lapurtu eta bortxatu egin baitzuten, inolako eskrupulurik gabe. Askotan soldaduei ez zieten pagatzen diruz, eta ordain gisa, osten zuten guztia ematen zieten, Donostian gertatutako genozidioa kasu. Iparraldean Wellingotenen soldaduek bereak eta bost egin bazituzten ere, okerrenak etengabeko gibelatzean zihoazen frantses tropak izan ziren, zer jan ere ez baitzuten frankotan, eta itsuskeria eta gehiegikeria handiak egin zituzten Iparraldeko herri eta baserrietan. Horrelako gertakizun latzak oroitzekoak ditugu euskaldunok, gure memoria historikoan atxikita baitaude, baina inola ere ez ospatzekoak, zenbaitek egin nahi duten bezala. Euskaldunok zer dugu ospatzeko gerla horretan? Deus ere ez! Napoleon eta Wellington genozida handiak izan ziren eta historiak horrela oroitzen ditu. Eta norbait ohoratu behar baldin badugu, izan daitezela gure arbasoak, bateko eta besteko armaden itsuskeriak eta krimenak jasan zituzten euskal herritar xeheak. Euskaldunok Euskal Herria gure gain hartu behar dugu, ez gaitzaten inoiz gehiago horrelako ameskeria, inperio eta gerletan sar. Euskaldunok bakean bizi nahi dugu. Utikan Karlomagno, Napoleon, Hitler, Franco, Mussolini eta horrelako hiltzaile handiak! Historiak kriminalen liburu beltzean, inolako gupidarik eta ohorerik gabe, ehortzi ditzan betiko! PERKAIN PILOTARIA, HISTORIA ETA MITOA Gure historian badira pertsonaia asko errealitatearen eta mitoaren artean murgildurik iristen zaizkigunak. Horietako bat Jean Martin Inda , Perkain deitua daukagu. Pilotari bikain eta entzutetsua izatera iritsi zen Perkain Nafarroa Behereko Alduden herrian, Zamukegi auzoan, sortu zen 1760-1770 urteen artean. Sortze datari buruzko agiririk topatu ez badugu ere, Perkainek jokatu zituen partidetan oinarriturik, badirudi XVIII. mendeko aipatu seigarren hamarkadan jaio zela. Perkain ezizena bere sortetxetik zetorkiola dirudi, Perkainea edo Perkainenea izeneko etxetik, hain zuzen, euskaldunon artean horren ohikoa den bezala. Frantziako Iraultzaren ankerkerietatik alde egin nahian, Nafarroa Garaira igaro zen, Baztan aldera, eta 90.eko hamarkadan famatua egin zen pilotari gisa jokatu zituen partida gogoangarriengatik. Perkain laxoan aritzen zen, gaur ia galduta dagoen modalitatean. Egun Baztanen jokatzen da, gehienbat. XVIII. mendean laxoa zen Euskal Herrian gehien jokatzen zen pilota jokoa. Lau lagunez osaturiko bi talde aritzen ziren aurrez aurre, gaurko tenisean bezala, baina bi taldeen artean ez zen inolako sarerik jartzen. Pilotariek eskularru berezi bat erabiltzen zuten, laxoa deitzen zutena. XIX. mendean laxoa gibelatzen joan zen, eta gaur ohikoak ditugun joko modalitateak sortu eta zabaldu ziren. 1.- Oiartzungo partida.- 1796ko urriaren 18an sekulako partida jokatu zuen Oiartzunen. Ikus dezagun horren inguruan dokumentaturik daukaguna. Ematen duenez, ordurako Perkain pilotari biziki ospetsua zen Euskal Herri osoan. Oiartzungo partida hori aspaldian zeukaten hitzartua urriaren 18ko goizeko 8etan jokatzeko. Jendea partida ikusteko eta apustu ikaragarri handiak egiteko irrikan zegoen, hori dela eta, Migel Barkaiztegi Gipuzkoako ahaldun nagusiak galarazi zuen. Eguna iritsi zen eta hitzartutako orduan Perkain Oiartzungo frontoian azaldu zen. Berarekin batera Ximun Nafarra zihoan. Oiartzungo ordezko alkateak debekua oroitarazi zion, baina frontoia gainezkatzen zuen publiko handiaren presiopean, beste partida bat jokatzeko baimena eman zion, baita 30 dukateko apustuak egiteko aukera ere, horixe baitzen foruek holakoetarako baimentzen zuten gehienezko diru kopurua. Perkainek ez zuen proposamena onartu, baina ondoren, akordio batera iritsi ziren. Hitzartutako partida bertan behera utzi behar izan zuten, baina horren ordez, beste partida bat jokatzeko aukera atzeman zuten, eta bitxia bada ere, lehen partida hartan jokatu behar zuten pilotari berberekin. Eta horrela jokatu zuten. Alde batetik, Perkain, Ximun Nafarra, Goizuetako bat eta laugarrena andoaindar bat. Bestetik, Arantzako Estudiantea, Txintxoa, saratar bat eta Toloxa donostiarra. Agirietan azaltzen denez, partida hura izan zela eta, Oiartzungo ordezko alkateak emandako baimena justifikatu behar izan zuen agintarien aurrean. Ikusten ahal dugun bezala, Perkainek bazuen ordurako pilotari ospe handia. Lapurdin eta Baxenafarroan izugarri maitatua zen eta heroi handitzat zeukaten. Zehazki ez dakigu nolako itxura zuen. Batzuen ustez luzea eta argala zen beste askoren aburuz, berriz, ttikia eta sendoa. Batzuek baserritarra zela zioten, zurgina zela besteek. Beraz, ez dugu Perkainen itxuraz eta bizibideaz datu zehatzik. Hori bai, Azantza lapurtarrarekin eta Gurutxet “Ezkerra” mitikoekin jokatu zituen partidak aski ongi ezagutzen ditugu. 2.- Perkain eta Azantza, Donapaleuko errebantxan.- Badirudi Perkainek izan zuen aurkari handiena Azantza lapurtarra izan zela. Jakin badakigu gutxienez bi partida handi jokatu zituela Azantzaren kontra. Horietako batean lapurtarrak eta nafarrak aritu ziren aurrez aurre norgehiagoka bizian. Bederatzi urte lehenago Donapaleun jokatu zen partida batean lapurtarrek nafarrak garaitu zituzten eta geroko bigarren partida batean Perkain buru zuen laukote nafarrak sekulako errebantxa hartu omen zuen. Bada bertso bilduma bat, Perkainen Kantua edo Perkain eta Azantza deitua, horren berri ematen diguna: Piarres Harizpe apez lapurtarrak egin zuen. Horra hor: Norat joaiten zira zu adiskidea! Donapaleura dut ene segida. Urreño bat deramat, bertze baten bila, baldin lapurtarrak jalgitzen badira. Lapurtarrak jin ziren trebesak doblezka, banitatearen orde bazuten nobleza; Galdu duen gaixoak kontsidera beza ez dela egun oroz lapurtarren besta. Azantzako semea nik ez dut mendratzen bere parerik ez du pilota botatzen. Bainan Perkain hori ez zuen lotsatzen, plaza guziarentzat bera aski baitzen. Zazpi joko zituzten, guk bederatzi, halere lapurtarren plaza ez zen aski, has berrian bezala trebezian beti, urguluz nahi zuten partida irabazi. Amikuzeko duzu Donapaleu hango ezpada ere hurbil darraio. aldudiarrak eta ainitz gehiago handik ari zeraizkon dihuru karraio. Orai betetzen ditu bederatzi urte Baigorrin trufa hunik egin zinaukuten, gure amen sariak juan zinituzten errebanjak baitiago hor, konpon zitezte. Lapurtar jaunak, orai zuek zer zaizue Monedako Etxea hurbilxko duzue eskasten bazaitzue horra joan zaizkete ukaiten baduzue harturen duzue. Ehun urte galdu tuzte, gastuak bertzalde Hek ere nere ustez zerbait badirade gizon bat aberatsa izanikan ere, holako zimikoak senditzen dirade. Mainuak ur epelez, saldan oilaki gorputzari plazerak nola egin badazki. Antzar-ixterrak ere jan beharko ditik, dirurik ekar zekotz Donapaleutik. Azantzako semea, gure Jaun Pierre, mainuak hartu tzu bainan debalde Akizko uretarat joan behar zirade handik jiten zirenian beti prest girade. Azantzako semea, gure Jaun Pierre, ez duzu berehala sinesten zuk ere, baldin balinbaduzu aitzina kuraie leheneko pilotan beti prest girade. 3.- Perkain eta Azantza Luhusoko pilota-plazan.- Ahoz aho gure egunetaraino iritsi den beste kontakizun herrikoi batek Lapurdiko Luhuson Azantzak eta Perkainek aurrez aurre jokatu zuten partidaren berri ematen digu. Aipatu kontakizunean esaten denez, hasiera batean Perkain irabazten ari omen zen, eta mando baten gainean zen nafar batek honela oihukatzen zuen behin eta berriro: 300 libera Perkainen alde! Inork ez zion apustua onartzen, hala ere, nafarrak segitzen zuen: 300 libera Perkainen alde! behin eta berriz oihukatzen. Azantzak, nafarraren oihuez nardaturik, pilotakada bat bidali zuen mandoaren aurka, horrela nafarraren erorketa eragin zuelarik. Izugarrizko kalapita sortu omen zen. Une nahas haietan Azantzaren arreba batek: 1000 libera nire anaiaren alde! oihu egin omen zuen eta ikusleetako batek onartu. Perkain, hura dena ikusirik, izugarri urduritu zen eta azkenean, Azantzak partida irabazi omen zuen. 4.- Tolosako partida.- Zehazki zein urtetan izan zen ez badakigu ere, jakina da Perkainek partida handi bat jokatu zuela Gipuzkoako Tolosan. Badira sei bertso horren berri ematen digutenak. Lehena “Bat zen Perkain zaharra” esaten hasten da. Bertso honetan kontatzen denez, Perkainekin batera honen semeetako bat eta Kurutxet aritu ziren Azantza, Elhorga eta Haroztegiren aurka. Irabazle Perkainen taldea izan omen zen. Lehen bertsoak honela dio: Bat zen Perkain zaharra, bertzea Haroztegi Jaun hek bide zakiten kozinaren berri; Elgar frogatzeko untza bat edo, ongi pentsatua duk disimula hori! Laugarren bertsoan, berriz, honela dio: Adios Probintzia, adios Lapurdi, Perkainekin pilotan ez daite liberti; Hirur erreinu huntan bera da nagusi Azken partidaraino ez dute sinetsi! 5.- Aldudeko desafioa.- Hauxe omen da Perkaini buruz kontatzen den istoriorik famatuena. Aldudetik alde egin ondoren Baztanen finkatu zuen bizitokia, eta han zegoela jakin zuen bere aurkari handia zen Kurutxetek Alduden jokatu behar zuen partida baterako desafioa egin ziola. Perkainek ezin zuen Iparraldeko lurraldeetara itzuli frantses iraultzaileak gibeletik baitzebilzkion. Hori dela eta, Perkainek baimen berezi bat eskatu zuen partida Alduden jokatu ahal izateko eta amaitzean Nafarroa Garaira itzuli ahal izateko. Aldudeko agintariek baimena eman omen zioten eta Perkain bere herrira bertaratu zen partida jokatzeko asmoz. Hortik aurrera badira zenbait bertsio edo aldaera gertatu zena kontatzeko. Batzuek diote agintariek emandako baimena errespetatu zutela eta Perkain, Kurutxet garaitu ondoren, Baztanera itzuli ahal izan zela. Dena den, gehien zabaldu den bertsioaren arabera, horrela ez zela izan kontatu eta zabaldu egin da gehienen ahotik. Bertsio horren aldekoek kontatzen digutenez, Baionan ziren frantses agintari iraultzaileak ez omen zeuden prest Aldudeko agintariek eman baimena errespetatzeko, eta soldadu talde bat bidali omen zuten Perkain atxilotzeko. Aldudera iritsi zirelarik, Perkain 6.000 lagunez inguraturik topatu omen zuten. Denak Perkainen garaipena ospatzen ari omen ziren, eta soldaduak ikusirik, partida ikustera hurbildutakoak makilez armatu ziren eta Perkain mugaraino zuten eraman. Zenbait tokitan kontatzen denez, soldadu taldea partida jokatzen ari zirela iritsi omen zen Aldudera. Soldadu-buruak partida bukatu arte ez zutela Perkain atxilotuko agindu omen zuen. Perkainek partida jokatu zuen eta Kurutxet garaitzeko azken tantoa eskas zuenean, pilotakada latza igorri zuen soldadu-buruarengana eta bertan hil egin omen zuen. Herritarrek gero lagundu omen zuten mugaraino. 6.- Perkain eta Harizpe marixala.- Kontatzen denez, Perkain, zaharra zela, partida bat ikusten ari omen zen Baigorrin Harizpe marixalaren ondoan. Partida hartan Perkainen garaian baino handiagoak ziren eskularruz jokatzen ari ziren. Harizpek, hori ikusirik, honela galde egin omen zion Perkaini: - Hire garaian horrelako eskularru handiak ukan izan bahitu, noraino bidaliko hukeen hik pilota? …eta Perkainek erantzun: - Erratzuraino aisa bidaliko nikek! Gogora ekar dezagun Baigorri eta Erratzuren artean kilometro aunitz daudela eta bi herrien artean 1000 metro inguruko mendiak badirela. 7.- Perkaini buruzko bertso eta idatziak.- Ikusten dugun bezala, Perkain pertsonaia historikoa izateaz gain, gure mitoetan ere bete-betean sartu zen, euskal heroien aldareetaraino iritsiz. Horrela izanik, ugariak dira Perkaini buruz egindako bertso eta idatziak. Ikus ditzagun: a.- “Bat zen Perkain zaharra” 6 bertso Tolosako partida kontatuz. b.- “Perkainen kantua” edo “Perkain eta Azantza” izeneko bertso bilduma, Piarres Harizpe (1854-1925) apez lapurtarrak egindakoa. c.- “Perkain; drame sous la Terreur et dans le Pays Basque” (1903) izeneko kontakizuna, Piarres Harizpe apezak frantsesez egina. Aldudeko desafioa kontatzen du. d.- “Perkain le basque” (1931) Pierre-Barthélemy Gheusik idatzitako opera. Jean Poueigh-ek musikatu zuen. Bordelen estreinatu zuten 1931n, eta Piarres Harizpe apezaren draman oinarritua dago. e.- Pierre Topet-Etxahun koblakari zuberotarrak egin zuen “Pilotarientzat” izeneko bertso bilduma. Honela dio: Bozkariozko besta huntan Ohore Ama Eskual Herriari! Gure izar gidari ona Egun zirade, Baigorri! Zure plaza handi maitagarrik ederrez ez du parerik Agur, agur, izar pilotarik! Agur gogotik deneri! Egun Baigorrirat jin dira Eskual Herriko haurrik baliosenak! Gure hiru probintzietako pilotari famatienak: Badira gaztiak eta heiekin adinak baztertu dituenak, denek batian egin beharrez familiarik goxoena. Ahal oroz lagunt zazu, Ama. Hoiek egun hasi lana! Nun zituztegu, Perkain, Otharre, Larralde, Xilhar, Leonis, Xikito? Ta zuekin zonbat bertzerik itzali direnak bethiko! Ez da denbora labur bat baizik Gure plazetan jokatzeko. Hoiek utzi etsenplu ona ez dugu, ez, ahantziko izanez denak gogo bereko, ez da pilota galduko. Batasun berri bat, gazteak, zuentzat egina hemen bada egun Hortara bil zaitezte denak: Hemen giratezke lagun! Elgarrekilan joko zaharra gorenetik altxa dezagun, ta kaskoin gutaz jelos direnak atxiki ditzagun urrun... Atzo, bihar, hala nola egun, bego pilota eskualdun! ----------------------------- Perkainek historiaren mugak zeharkatu zituen pertsonaia dugu, mitora iritsi zen pilotari handia. Pastoral baterako süjeta hoberik ez genuke aisa atzemango. ANTTON ETXEBESTE, MIÑABAITAKO AZKEN MUGALARIA Urruñako lurretan, Ibardineko beheko magaletan, Gipuzkoako eta Nafarroako mugetatik hurbil, Miñabaita baserri edo etxaldea dugu. Etxalde honetan etxebestetarrak bizi izan dira ia mende oso batez. Etxaldearen kokapen ezin hobea eta bertakoen odol beroa izan dira, zalantzarik gabe, bertan bizitu izen diren gertakizunen iturri eta eragile. Miñabaitako semeetako bat, Antton, mugalaria izan da txipitatik. Antton 1939ko maiatzaren 3an sortu zen eta hango bazterrak, hango xendrak, hango bidexka ezkutuak bikain ezagutzen zituen. Ezagutza horrek bideratu zuen Antton kontrabandan aritzera, eta, gehienbat, mugalari on eta trebea izatera. Euskalduna zen, zinez, hezurretarainoko abertzalea, eta horrek bultzatu zuen Hegoaldeko erresistentzian zebiltzanak laguntzera eta Iparraldera ihesean zetozenak bide estu horietatik barrena gidatzera. Ehunka izan ziren Hegoaldetik Lapurdira pasatzen lagundu zituen iheslariak, Miñabaitan beharrezkoa zen denboran aterpetu zituenak. Horretarako bazuen zakur leial bat, Kañel izena zuena. Aitzinetik bidaltzen zuen bideak libre ote ziren jakiteko. 1976ko apirilaren 18an, Aberri Egunaren bezperan, hiru lagun ekarri behar zituen Beratik Miñabaitara, Larrun mendiko bideetatik barrena. Tamalez, Berako hilerriaren parean zeudela guardia zibilek atzeman eta inolako abisurik eman gabe tirokatu zituzten. Horren ondorioz, Manuel Garmendia “Korta” euskal militantea bertan hil zuten eta Antton larri zauritu zuten tiro batez. Hil zuten mutila Korta ezizenez deitzen zuten Legorretako Kortatu baserrikoa zelako. Antton preso eraman zuten Espainiako kartzela batera eta bertan eduki zuten atxilo, 1977ko amnistiarekin libre utzi zuten arte. Libratu ondoren Urruñako Miñabaitara itzuli zen, eta luzaz mugalari lanetan jarraitu zuen. Antton biziki euskalduna zen, goitik beherako abertzalea, eta bizitza osoa eman zuen bere idealen alde, Euskal Herriaren alde. 166 2013ko uztailaren 11n zendu bazen ere, orduz geroztik, bere izpirituak, bere gogoak, hor jarraitzen du Iparraldea eta Hegoaldea lotzen dituzten bidexka ezkutu horietan barrena, mende honetan zazpi euskal lurraldeak batuz sortuko den Euskal Errepublika Librearen aiduru. Orduan hartuko du Anttonek egiazko atsedena. RENÉ CASSIN PASTORALA Maule ondo-ondoko Sohüta (lehen Soroeta) herriak pastoral tradizio handia dauka. 1927an bi pastoral jokatu zituen, lehena Pette Salaberrek idatziriko San Andres izenekoa eta bigarrena J.P. Hegiapalek idatziriko Napoleon entzutetsua. 1954an Eüskaldünak Ibañetan jokatu zuten. Ez dakigu nork idatzi zuen. 1984an Arotzaren eta Dalgalarrondok idatziriko Aimonen lau semeak, 2001ean Jean-Louis Davantek idatzi Xiberoko makia eta aurten, 2013ko uztailaren 28an eta agorrilaren 4an, Davantek idatziriko René Cassin pastoral arrakastatsua. Sohütarrek, behin eta berriz, ongitxo frogatu digute pastoralak antolatzen eta jokatzen biziki trebeak direla. 1.- Jean-Louis Davanten azalpenak.- 2013ko ekainaren 27an, Jean-Louis Davantek Donibane Lohizuneko Ravel entzutegian eman zuen hitzaldia entzutera hurbildu nintzen. René Cassinen historia ez nuen sobera ezagutzen, eta jakin-nahiak bultzaturik, hitzaldiaren aretora joan nintzen. Areto eder horretan hogeita hamar bat lagun inguru bildu ginen. Davantek eman zuen hitzaldia ederra eta argia izan zen. Hasiera batean, pastoralaz aritu zen, zer den pastorala eta zer ez den argituz. Pastorala antzerkia dela oroitarazi zigun eta bertara haur baten bihotzarekin joan beharra dagoela gehitu. Antzerki epikoa da eta epopeia bat kontatzen du. Ederra izan behar du, eta halaber, bihotzak hunkitu egin behar ditu. Pastorala trajeria giristinoa dela garbi utzi zuen, ondoren. Davantek esan zuenez, pastoral zaharrek ez omen zuten ikus-entzuleen bihotza pizten, eta horrela jarraitu zuen izaten Etxahun-Irurik bere zortzi pastoralak idatzi eta jokatu zituen arte. Garai bateko pertsonaiak handikiak ziren, errege eta enperadoreak, edo bestela santu eta pertsonaia biblikoak. Etxahun-Irurik, euskal pertsonaiak pastoralera ekartzean, zuberotarren bihotza pizten jakin zuen. Davanten ustez, pastoralak sinbolista eta surrealista izan behar du. Jelkaldietan barrena bertsetak emateko erabiltzen den basa doinua gregorianotik heldu omen da. Pastoraletan dena kalkulatuta dago ederra izan daitezen. Gero, pastoralaren jatorriari buruz mintzatu zen. Agosti Xaho eta Junes Casenave-Harigileren ustez, pastoralak jadanik mila urte inguru ditu. Gehien-gehienek Erdi Arotik datorrela pentsatzen dute. Beñat Oihartzabalek eta Txomin Peillenek XVIII. mendean sortu zela defendatzen dute. Peillenek dio erresistentzia katoliko moduan sortu zela, agintzen zuten Paueko jaun kalbinisten aurka egiteko. Kalbinismoa jende eskolatuaren erlijioa zen, eta zuberotar gehienek, laborariak izaki, katolikoen irudiak, beilak, elizkizunak, prozesioak… maite zituzten; eta pastoraletan iruditeria katoliko hori nonahi agertzen da. 2.- René Cassini buruzko azalpen historikoak.- Pastoralari buruzko azalpen historiko orokorrak eman ondoren, René Cassini buruzko datu biografikoak ematera pasatu zen. Ravel entzutegian eman hitzaldian azaldu zigunez, 2010. urtean, bi sohütar hurbildu omen zitzaizkion eta 1914ko gerla handiaz pastoral bat egiteko eskatu omen zioten. Davantek, ez zuen hasiera batean, proposamen hura onartu, sobera gai zabala eta hitsa iruditu baitzitzaion, baina gero, Baionan sortutako René Cassin bakezaleaz gogoratu, sohütarrei aurkeztu eta horiek onartzean, idazteari ekin zion. René Cassin pertsonaia egokia ikusten zuen Davantek, bi gerla handietan ibilia izan baitzen eta beti mezu bakezalea defendatu zuelako. René Cassin pastorala hogeita bi jelkaldiz, hamaika kantuz, bost bertsoz, bi güdükaz, laupabost satan dantzaz, hiru türken ateraldiz eta laupabost dantzaz osaturik dago. Beraz, pastoral oso-osoa dela esan dezakegu. Hitzaldiaren bigarren zatian, arestian esan bezala, René Cassinen bizitzaz luzaz aritu zen, hurrengo datuak bertan ginen guztion gogora ekarriz. René-Samuel Cassin Baionan sortu zen 1887ko urriaren 5ean, herriko etxeko karrika berean. Ama baionarra zuen eta aita Nizakoa. Lau semealabetan hirugarrena izan zen. Lau urte zituela familia Nizara bizitzera aldatu zen. Udako oporraldietan Renék Baionan igarotzen zituen, aitatxi amatxien etxean, bertako adiskideak eginez eta euskal kanta ugari ikasiz. René Cassinen familia bi aldeetatik judua zen, baina oso laikoak, erlijio eginkizunetara gutxi emanak. Aix en Provence-ko unibertsitatean zuzenbidea ikasi zuen. Gero, Parisen bizi izan zen, hainbat lan eginez, eta 1914an doktoregoa erdietsi zuen. 1914ko gerlara deitua izen zen, eta Lorrenan soldadu zebilela, leherkari batek larriki zauritu zuen. 1917an Simone Yzombardekin ezkondu zen Parisen. 1919an Lille-ko unibertsitatean aritu zen irakasle, eta 1929tik aurrera Pariseko fakultatean. Gerlari Ohi Zaurituen Elkartearen sortzaileetako bat izan zen eta luzaz bertako lehendakaria. Hor hasi zen Nazioen Elkartearekin kolaboratzen eta lan handia egiten munduko potentziak bertara sar zitezen. Hitlerren gobernuaren gehiegikeriak ikusita, Europa ohartzen eta esnarazten ahalegindu zen, beste gerla baten atarian zeudela garbi baitzekusan. Bigarren Gerla Handia piztuta, alemaniarrak Frantzian sartzen hasi zirelarik, Cassin Baionara etorri zen eta geroxeago, Donibane Lohizunetik atera zen azken ontzi britainiarra hartuta, Ingalaterrara joan zen, eta Londresen bere bizitoki berria finkatu. Berak idatzi zuen De Gaulle eta Churchillen arteko hitzarmena, 1940ko abuztuaren 7an sinatu zutena. Manuel Irujorekin batera, euskal tropa bat Ingalaterran sortzen ahalegindu zen, baina Churchillek ez zuen onartu Francoren neutraltasuna galtzeko beldurrez. 1944ko abuztuaren hondarretan, Paris liberatura itzuli zen eta berriz, Pariseko fakultatean zuzenbide zibila erakusten hasi. 1947an, Giza eskubideen Aldarrikapen Unibertsala idatzi zuen eta 1948ko abenduaren 10ean, nazio Batuen Erakundeak onartu egin zuen. 1968ko abenduaren 9an, Oslon, Bakearen Nobel Saria eman zioten. 1976ko otsailaren 20an zendu zen. Hauxe da Davantek pastoral süjeta izateko hautatu zuen pertsonaia, bi gerla handiak ezagutu eta beti bakearen alde egin zuen baionarra. 3.- René Cassin pastorala.- Agorrilaren 4an, igandearekin, Sohütara hurbildu nintzen 2013ko pastoralaren bigarren emanaldia ikustera. Prentsagatik banekien lehen emanaldia, hau da, uztailaren 28an jokatu zutena, guztiz arrakastatsua izan zela. Goizeko 10,30etarako, jendez aiduru zen Sohütako elizan nengoen, pastoral meza entzuteko asmoz. Meza amaitzean, karrika üngürüa ederraz gozatu ahal izan nuen, eta bazkaldu ondoren, ordubi eta erdietan, jadanik betetzen ari ziren harmailetan eseri nintzen. Hiruretan, puntu-puntuan, pastoralaren martxa entzun genuen. Arizaleak oholtzara igo eta berehala lehen perediküari hasiera eman zioten. Oholtza ohikoa den bezala apaindurik bazegoen ere, ez nuen haurrentzat horren maitatua den deabrüa ikusi. Cassin judua zenez, ez jartzea erabakia zuten. Gauza bera gertatu zen haur aingeruekin, ohiko arropak baztertu eta zirtzil itxuraz-edo jantzirik, atera baitziren. Apeza behin bakarrik azaldu zen eta apezpikurik ez zen izan. 7. jelkaldian René Cassin eta Battitta Borthiri-Sala koblakari larraintarraren arteko hizketa irudikatu zuten. 74. eta 76. bertsetetan hauxe jarri zuen Davantek koblakariaren ahoan: 74.- Hamalaueko gerla zinez itsusia, ezin errana düzü gük han ikusia. Ürde ehaiten üdüri, algar seinatzea, lohian botitürik hila eta bizia. 76.- Han kolpatü naiana ez dit ezagützen, bena ni bezalako gizon gazte bat zen. Bizirik egoiteko gure tirokatzen, hebentik ari nüzü hura non ote den. 16. jelkaldian, Cassinek Eusko Jaurlaritza ordezkatzen zuen Manuel Irujorekin hitz egin zuen, Ingalaterran euskal tropa bat sortzeko asmoz: 152.- Cassin: Eskerrak adiskidea Euskadiren lagüngoaz, bai eta haste-hastetik erakutsi süstengüaz. 153.- Irujo: Süstengü hori berritü nahi deiot de Gaulleri eta ahalaz emendatü zerbait haboro ekarri. 154.- Cassin: Popülü txipi batentzat hanitx egin düzüe, eüskal güdari gazteak gurekin haütü dirade. 155.- Irujo: Ordaiz hego eüskaldüna frantses inperio güzian, Aterpetü nahi dügü eta lagüntü nekezian. 156.- Cassin: Amerikar Estatüetan hedatü den eüskaldünak azkartü nahi lütüke züekiko harremanak. 157.- Irujo: Euskadikoek hitzarmen bat behar günüke züekin, eüskal armada txipi bat Ingalaterran sor dadin. 158.- Cassin: Printzizpioko baimena de Gaullek eman diküzü eta lehen ofizierak laster honartü gei ditüzü. 159.- Irujo: Eüskaldün armada baten hedatzeko Ingalaterran Churchillengana banoa baimenaren eskatzera. Jelkaldi hau eta gero, ene ustez, Davantek pastoralean utzi nahi zuen mezua garbi agertu zen Jaiki zite herritarra izeneko kantuan. Letra Davantena da eta doinua J.L. Aranburu Bidabe-rena. Jeiki zite herritarra! Jeiki zite herritarra lotsaren ülünpetik, etsaien aztaparretik argiaren hartzera, libertatearen süiaz egünaren piztera. Goiz berri bat sor dezagün gaü horren sabeletik. Aski gezür, aski laido, herri bat heben dago, bere bihotzaren jabe, bere hizkuntzan mintzo, bere gisan bizi beita, lür hau ez dü saltzeko. Altxa dezagün bürüa hobitik elkitzeko. Libra dezagün herria, libra jente bakoitxa, oroz gainetik jentea dügün beti peretxa, estatüak zain dezala behar düan bezala, artzain honaren bidetik otsoa ken dezala. Beste herririk badago, zapazaleen despit, esküak eman algarri, algar süstenga beti, güziak libra gitean, heben eta lürrean, denek batean etsaia sar dezagün sarean. 18. jelkaldiaren bukaeran Beethoven-en 9. sinfonia, Libertateari kantua zubereraz abestu zuten Davant berak jarritako letra ederraz. Libertateari Askatarzün ederra azkorrian izarra, kartsüki sartzen gira zure sentoralean. Maitarzünez düzü josten ezpatak moztü düana, jenteak hurridetzen zure hegalen pean. Gain zohardian ekia alagera dabila, zü bardin, haurridea, libertatearen bila. Tiranoenganik libra beharrünanta lagünt, esperantxa denentzat, herio gaztigürik ez. Galdü dena bizi bedi, denek dügün arrapika: Ogendantari parka! Presontegia zerra! Algar besarkatüz denek mündüari potak eman, algar etxek gainetan izar argia dügünek. 20. jelkaldian Piarres Xarriton apezaren eta René Cassinen arteko hizketaldiaren berri eman zuten. Xarritonek laguntza eskatu zion Cassini Hegoaldetik joaten ziren euskal iheslarientzat, Frantziako Gobernauk kanporatzen baitzituen. 185. bertsetan honela esaten dio Xarritonek Cassini: Eüskaldün borroka hori Europaren alde doa, Europaren etsai beita estatüen nausigoa. Eta Cassinek 186. bertsetan Xarritoni honela erantzuten dio: Eüskaldünetik ere badit, baiones hanitxek bezala, neskatoak eüskaldün ginitizün eta eüskara txipitik entzün dit etxen. Eüskal kantore andana badakit, nahi düzüa biek eman dezagün? Eta biek Boga, boga marinela kantatuz, bukaera eman zioten jelkaldiari. 21. jelkaldian Bakearen Nobel Saria eman zioten, eta 22.enean zendu zen. Azken perediküaren ondoren, antxerak izan ziren. Uztailaren 28ko pastoral emanaldian Garindainek irabazi zituen 1500 eurorekin eta bigarren horretan, Arrokiagak irabazi zuen 800 eurorekin. Ondoren bertan ziren arrokiagatarrak oholtzara igo eta ohiko dantzak: muneinak, antzina pika… dantzatzeari lotu zitzaizkion. Hauek hurrengo urtean jokatuko dute PierPol Berzaitz idazten ari den Bühaminak izeneko pastorala. 4.- Ene iritzia René Cassin pastoralaz.- Ene iritziz, hau da Jean-Louis Davantek idatzi duen pastoral onenetako bat, eta horrela ulertu dute pastoralaren bi emanaldietan harmailak bete dituzten ikus-entzule gehienek. Lehen emanaldian hiru mila inguru izan omen ziren, eta bigarrenean beste hainbeste. Musikariak, arizaleak, dantzariak, kantariak,… denak bikain aritu ziren eta zer esanik ez, lehen aldiz errejenta aritu zen Battitta Berrogainez, zuzen eta egoki zuzendu baitzuen pastoral osoa hasieratik bukaera arte. Errexenta bikaina dela erakutsi zuen. Aipa dezadan denbora berean, Joana Etxeberri arropa asmatzaile gaztea, luzaz lan hau egin duen Erramun Gartzia Zabalegi errenteriarraren lekukoa adore handiaz harturik, arlo horretan egin zuen lan eskergagatik., desafio ikaragarri handia bazen ere, ederki asmatu baitzuen egindako hautuetan. Lan bikaina Davantek eta sohütarrek 2013ko pastoral honetan erakutsi zutena. BEGIRALEAK BIRIATUN DANTZARI Uztailaren 29an, astelehenarekin, eta gaueko 9,30etan, Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteko dantzariek hasiera eman zioten Biriatuko pilota-plazan aurtengo udarako prestatu duten Begi izeneko ikuskizunari. Iaz ere, beste ikuskizun bat prestatu zuten uztaileko azken astelehenerako, eta orduan aurten bezala, arrakasta itzela atzeman zuten. Lehen aipatu bezala aurtengo ikuskizuna gaueko 9,30etan hasi zen. Ordurako Biriatuko frontoi ederra jendez mukuru zen, erdiak euskaldunak, beste erdiak turistak zirelarik. Begiraleak dantza taldearen konpartsa hogeita hamar bat lagunez osatua zen, eta Lapurdiko inauteriko kaskarot martxa alaiaren erritmoari jarraiki sartu ziren ikusleen txalo handiak jasoz. Banderaria aitzinean euskal ikurrin eder batekin, haren gibeletik kaskarotak koloreetako lumez apaindurik, eta horien ondoren auzapez jaun-andereak, kotilungorriak, ponpierak, musikariak… Sekulako sarrera egin zuten, Lapurdiko inauteria bere edertasun osoaz erakutsiz. Bukatzeko Betti Beteluren fandango luzea bezain ederra dantzatu zuten. Hor ere, Begiraleak elkarteko dantzariek ahal zuten guztia eman zuten, eta horrela ulertu zuen publikoak, ikusleek zutiturik, esku sarta handiaz eskertu baitzuten. Gero, Lapurditik Arabara igaro ziren. Hamabi bat neska, arabar jantziez apaindurik, ederto aritu ziren hango dantza alaiak eskaintzen. Horiek bukatu orduko, Gipuzkoako dantza solemneen txanda izan zen. Aurreskua dantzatu zutelarik, ikusleok liluraturik, isil-isilik egon ginen. Gure artean ziren turistek ere hura dantza solemnea, begirune handiko erakusgarria zela ulertu zuten, eta txaloaldi luze batez saritu zituzten maisukiro dantzan aritu ziren Begiraleak-eko gazteak. Gipuzkoatik Bizkaira gero, ezpata-dantzak, makil-dantzak, uztaidantzak, ikurriñari agurra eta banako eta binako gogoangarriak. Bizkaiari eskainitako saioa amaitzeko Oihan Larralde eta Marga Forestier dantzari gazteek fandango eta arin-arin ederrak dantzatu zituzten albokaren doinuari jarraituz. Bizkaiko dantza gimnastikoak burututa, Nafarroa Garaiko dantzetara eman zuten jauzia: Zaraitzu eta Jaurrietako dantza alai bezain dotoreak. Eta ikuskizuna bukatzeko, Baxenafarroako dantzak eskaini zituzten: zapurrak, bolantak, ziganteak, andereak…, hango kadrilak, hango jauziak, hango jantzi koloretsu ikusgarriak… Gau magikoa zen Biriatuko pilota-plazan, uztaileko eguraldi ederrean, Begiraleak elkarteko dantzariak eskaintzan ari zitzaizkiguna. Publikoa zoratua zen, eta behin eta berriro zutituz, ikusleek txalo luze eta beroen artean, dantzari gazteak saritu zituzten. Patxi Adurriaga dantza-maisuaren esku ona eta estilo berezia agerian geratu ziren. Abantzu bi oren iraun zuen emanaldi ahaztezinaren ondoren fandangoa eta arin-arina izan ziren bertan ginen guztiontzat. Dantza ikuskizun eder horretan Zuberoako dantzak eskas ziren. Patxi dantza-maisuak erran zidanez, urtebete omen daramate dantzak eta jantziak prestatzen, eta hurrengo urteko ikuskizunetan hasi nahiko lukete jende aurrean dantzatzen. Beraz, ez dugu luzaroan itxoin beharko Begiraleak elkarteko dantzariak Zuberoako dantza miresgarrietan aritzen ikusteko. Uztailean, Biriatun eskaini zuten dantza saioaz gain, bi saio gehiago eman zituzten. Lehena agorrilaren 4an eta bigarrena hil beraren 25ean, biak Donibane Lohizunen, eta bietan arrakasta handia atzeman zuten. Begiraleak elkartea 1932 eta 1933. urteetan Donibane Lohizune inguruko hainbat euskaltzalek eginiko bilkuretatik sortu zen. Heien artean Elise Aramendi, Piarres Lafitte, Eugène Goienetxe, Jauregiberri medikua, Mixel Dihartze, Iratzeder, Maialen Jauregiberri… Orduan jadanik galtzen hasita ziren euskara eta euskaltzaletasuna indartu eta hedatu nahi zuten. Orduz geroztik begirale ospetsuak izan ditugu Iratzeder, Piarres Lafitte, Piarres Larzabal, Telesforo Monzon, Betti Betelu, Xanpun bertsolaria… Izan dira, beraz, Lapurdiko itsas-hegian, Begiraleak elkartearen bitartez zerua argitu duten izarrak. Gaur horretaz jarraitzen dute, euskara eta euskal kultura bultzatzen eta indartzen, euskal nortasunaren inguruan era guztietako ekitaldiak egiten: Olentzero, inauteria, hartzaren etorrera, hiruburuak, Donibane Kantuz, Udaberria Dantzan, Euskal Herriko Kantuaren Eguna, euskal sukaldaritzari buruzko ikastaroak, mutxikoak, mendi ibilaldiak… Eta ekitaldi hauetan adin guztietako begiraleak aritzen badira ere, garbi dago etorkizun euskaldun eta oparoa belaunaldi gazteen eskutik etorriko zaigula. Gazte horiek dira Begiraleak elkartearen kimu eta esperantza berriak. Honela dio “Begiraleak, erein eta sortu” izeneko olerkiak: Donibane Lohizunen sortua, euskara eta euskal nortasuna galtzen hasiak zirelarik. Maidalena Jauregiberri, Elise Aramendi. Maidalena Brevet eta Antoinette Lakarre emazteki kementsuen gogotik. Orduz geroztik dugu Begiraleak Lapurdiko itsas-hegian, itsasargi, bidegile eta euskal haziaren eraile. Erein eta sortu, zaindu eta zabaldu. Gogoa, lana eta kemena biltzen dira Begiraleak elkartean, hor izan dira lagun eta langile Piarres Lafitte eta Xabier Iratzeder, Piarres Larzabal eta Telesforo Monzon, Betti Betelu eta Xanpun. Dantzak, kantak eta usaiak, bertsoak, gastronomia eta antzerkia, gorputza eta arima, bizi-poza eta bizi-nahia. Erein eta sortu, zaindu eta zabaldu. Donibanen ez dugu aisa, erdal enbatak indarrez jotzen du baina hor dira, gaur egun ere, betiko kemenez, betiko gogoaz, Xabier Soubelet, Pello Coudroy, Intza Gutierrez eta Patxi Adurriaga. Hor ari dira lanean Begiraleak, sortzen, egiten, zaintzen, burutzen, gidatzen, begiratzen, euskal hazia itsasaldeko lurretan ereiten. Erein eta sortu, zaindu eta zabaldu, iraun eta irabazi. Lerro hauetatik har bezate Begiraleak elkartea osatzen duten guztiek nire agurrik beroena. Gora Begiraleak! Gora Lapurdi euskalduna! XANPUN BERTSOLARIAREN GORAZARREZ Manuel Sein Usandizaga Senpereko Olagaraia baserrian sortu zen 1928ko abenduaren 21ean. Hortik familia osoa Ahetzera aldatu zen eta bertan lau urte egin ondoren, Urruñara, amaren sortetxea zen Xanpun izeneko baserrira aldatu ziren. Garai hartan Manuelek sei urte zituen. Baserri honek, euskal usaian ohikoa den bezala, bizitza osoan deitu izan zaion goitizena eman zion. Hamabi urtera arte herriko eskolara joan zen gainerako haur urruñarrekin batera, baina ainitzetan ezin izaten zuen joan anaia zaharrenak II. Gerla Handira soldadu eramanak baitziren, eta baserriko lanak egin behar izaten zituelako. Urruñan, garai hartan, Euskal Herriko ditxolaririk ospetsuenetako bat bizi zen, Bixente Ezkierdo izena zuena, eta Xanpun harekin zaletu zen euskal hitzaren magia eta jolasean. Hamabi-hamahiru urte zituela, eta erdipurdika bazen ere, bertsotan hasi zen lagunen arteko giroan. Jende aurrean, lehen aldiz, Oleta auzoko bestetan kantatu zuen, bertako plazan, orduan Urruñan bizi zen Joan Joxe Eizmendi “Errexil” Hamazazpi urterekin parte hartu zuen Ezpeletan jokatu zen bertso norgehiagokan, baita geroxeago Luhuson jokatu zenekoan ere. 1948ko apirilaren 5ean, hemezortzi urte zituela, parte hartu zuen Hernandorenak Saran antolatu zuen Bertsulari Xapelgoa entzutetsuan. Hurrengo urteetan, Gipuzkoako eta Nafarroako bertso saio eta txapelketetan buru-belarri ibili zen, baita Iparraldeko saioetan ere, Xalbador, Mattin, Zubikoa, Errexil, Ezponda, Basarri, Uztapide, Lizaso, Lasarte eta garaiko gainerako bertsolariekin batera. Hauxe izan zen Euskal Herria edo Euskadi bere osotasunean ezagutzeko Xanpunek ongi baliatu zuen aukera. Honela kantatu zituen bihotz-bihotzetik ateratako bertso eder hauek: Euskadi zaharra 1.- Goretsi dezagun denok Euskadi zaharra, bihotzetan piztu dauku indarraren karra, erakuts dezagun beroz zoin dagon azkarra. Gora Euskadi eta euskaldun indarra! 2.- Hizkuntzarekin dauzkagu, kultura, kirola, zoinek irakinazten bait dauku odola. Semeon semeak jarraiki nahi badute hola, Euskadi maitea ezin galdu da, nehola. 3.- Aizkolari izan, berdin harria jasotzen, edo arraunlaria itsasora jotzen; orgen altxatzaile edo lastoa botatzen, beren indarrarekin gaituzte jostatzen. 4.- Berdin pilotaria harrika plazetan, nola dantzaria den zuzen urratsetan, soinulariak aldiz, goiz ta arratsetan, bozkarioa dute sortzen bihotzetan. Hogeita hiru urte zituela Anttoni Basurko donibandarra ezagutu zuen. Neska honen familia Pasai Donibanetik Lapurdira etorria zen. Aita arrantzalea zen lanbidez, eta Donibane Lohizuneko Ongi etorri izeneko itsasontzian hartu zuten lanerako. Hori dela eta, familia guztiarekin batera, Donibane Lohizunera aldatu zen eta hortxe bizi izan ziren hortik aurrera. Anttoni Donibane Lohizuneko Begiraleak euskal kultura elkartean ibili zen ttiki-ttikitatik, eta baita Xanpun ere, emaztegaiaren bitartez, elkartera hurbildu baitzen gazte-gaztetatik. 1952ko urrian, Manuel eta Anttoni Donibane Lohizuneko elizan ezkondu ziren eta hiri horretan bizi izan ziren hortik aitzina. Lau haur ukan zituzten, bi neska eta bi mutil. Orduz geroztik, Xanpunek gorespen handia erakutsi zuen beti Donibanerekiko, eta gorespen hori nabarmen islatzen zuen bere bertsoetan. Donibane eta Ziburu izeneko bertso sortan honela dio bigarren koblan: - Donibane ta Ziburu ditu agertzen lehen argiak, zoin diren leku paregabeak, ederrak bezin garbiak. Anai-arrebak direla ere erran baiditake biak, Urdaxuriak berexten ditu ta bateratzen zubiak. Eta Gora Donibane! Izeneko bertso sorta hunkigarrian honela erraten digu azken koblan: - Laborariak, arrantzaleak, eta berdin hiritarrak, denek erakuts herriarentzat maitasun eta indarrak.l landatuz diren itsaso, mendi, ibai ta zelai ederrak. Gora, gora zu Donibane,eta zurekin donibandarrak! Sortzez laboraria zen Xanpun, baina gerora beste bi lanetan txandatuz ibili zen, uda aldean arrantzale eta neguan hargin. 1963tik aitzina, eta hemeretzi urtez, Sobaco enpresak Hendaiako kostaldean eraiki zuen arraintegian kudeatzaile aritu zen. Bertan txangurroak, txitxardinak eta horrelakoak hazten zituzten. Bitartean, bertsolari jarraitu zuen hanhemenka. Euskal kantuak ere izugarri maite zituen eta Begiraleak elkarteak antolatzen zituen ekitaldietan parte hartu izan zuen. Begiraleak elkartean antzerki talde bat eratu zutenean Xanpun deitu zuten bertan parte hartzera, eta baita berak jarduera berriari gogoz eta kemenez ekin ere. Telesforo Monzonen eta Piarres Larzabalen zenbait antzerkitan Behorraren ostikoa, Zurgin zaharra, Matalas…) parte hartu zuen. Azken horretan bera izan zen Matalas, hau da, pertsonaia nagusia. Antzerki taldearekin Parisen bizpahiru aldiz ibili zen. 2002ko urtarrilaren 17an zendu zen. Geroztik, bera bizi izan zen kaletxoa Xanpun bertsulari kalea izenaz birbataiatu zuten. Xanpun bertsolari erromantikoa zen, bihotzez kantatzen zuena. Euskaltzale handia zen, eta Euskadi ongi ezagutzeaz gain, sakon maite zuen. Donibanen, behin, Euskadiko mugak izeneko bertso gogoangarria kantatu zuen bere arrangura garbiki azalduz: - Nork ez daki gaur gure Euskadi zer modutsutan dabilen? Gu bentzutu nahi gaituzten hoiek ken ditzagun lehenbailehen. Gu gira euskotarrak eta zendako ez egon hemen? Hoiek gaur buru uzten badira Guziok gaituzte hilen. Azken agurra Donibane Lohizuneko elizan egin zitzaion. Hiletara ehunka bertsozale, bertsolari eta euskaldun hurbildu ziren beraien esker ona agertzera. Aldarera igota, Txomin Ezpondak bertso hau kantatu zion: - Ustekabean etorri zaigu berri triste ta iluna; Xanpunen hilketak izan baitu lur ikaren oihartzuna. Gure denboran izatu dugu egizko anaitasuna, oroitzapena besterik ez da orain gelditzen zaukuna. Egungotz agur Manuel! Eta Ikusi arte laguna! Segidan, 1998tik gure egunetara Begiraleak elkarteko lehendakari den Xabier Soubeletek honako bertsoa kantatu zion elkartearen esker ona adierazteko: - Ezkil dorrearen pare ixilik dago eliza, gaur itzali baitzaio itsaspuntako haritza. Xanpun hor zen goresteko, hark zuen bertsuaren giltza. Begiraleak-en izenean hartu nahiko nuke hitza. Lehenik, antzerki ekintza, ta gure bertsularitza, solas, irri eta mintza, zuauren izaitearen agintza. Milesker zuri bihotzez, Zu, euskal enbor bortitza! Omenaldi ederrena gaur bihotzean dugun ixiltza. Goian bego Xanpun, Euskal Herriko bertsolari zendu guztiekin batera, Xanpun umil, alai eta handia. Hor nonbait ibiliko da norgehiagoka, bertso saio ederrak eginez. Berriki, 2013ko irailaren 29an, hil zaigun Fermin Mihura azkaindarra ere harekin batera ibiliko da bertso hilezkorrak sortzen. Aintza euskal hitza arte, jolas eta zientzia bilakatu duten bertsolarientzat! Ezin dut artikulu hau bukatu Joxemari Iriondo bertsozale handiari nire eskerrik beroenak eman gabe. 2006an eta Auspoaren bilduman Xanpun bertsularia izeneko liburu paregabea plazaratu zuen eta horixe izan da artikulu hau hezur-mamitzeko erabili dudan iturri nagusia. Milesker, beraz, zuri, Joxemari Iriondo jauna! HATS BERRIA MUTXIKOAREN EGUNARENTZAT 1979tik, eta Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak antolaturik, Mutxikoaren Eguna alai eta gogoangarria ukan dugu urtero Arrangoitzen, urriko bigarren igandean. Besta honek, urtez urte, zazpi euskal herrialdeetako dantzari ainitz erakarri eta bildu izan ditu mutxikoen inguruan. Ohiko egitaraua hauxe izan da: Goizez mutxikoak pilota-plazan, eta Betti Betelu hilez geroztik, hau da, 1990etik, omenalditxoa egun honen sortzaileetako bat izan zen dantza-maisu handiaren hilobi aitzinean. Gero bazkari herrikoia kultur aterpean, eta ondoren, dantza ikuskizunak eta mutxikoak. Hauxe izan da urtero, urriko bigarren igandean dantzariok Arrangoitzen egun polita igarotzeko izan dugun estakuru polita. Gogoan ditut oraino euskal kantuz alaituriko bazkari jendetsu eder haiek! Alabaina, besta hau maite genuenok besta hau pittaka-pittaka itzaltzen eta ahultzen ari zela ikusten genuen. Nekea eta akidura ziren nagusi antolatzaileen artean. Bazkarietan abantzu ez zen deus kantatzen. Dantzariz betetako autobusak ez ziren jadanik Arrangoitzera hurbiltzen. Gainera, azken urteetako eguraldi txarrak eta euri zaparrada handiek ere gainbehera horretan zer ikusi handia ukan zuten. Aurten, Arbona, Ahetze, Basusarri eta Arrangoitze herriak kultur ekintza esparrutzat dituen Hats Berri gazte elkarteak bere gain hartu du herri honen antolakuntza, eta Herri Uzta izeneko kultur astearen barruan sartu. Antolakuntza berriak hainbat aldaketa ekarri ditu. Bazkaria kentzea izan da horietako nabarmenena. Malda beherean zegoen herri bazkariaren ordez, Hats Berri eta Zurekin elkarteek, Itsas Argi ikastolak eta Basusarriko eta Arrangoitzeko gaztetxeak jan-edanak prestatu eta saldu zituzten horretarako ezarri zituzten txosnetan. Gainerako guztia aurreko urteetan bezala izan zen. Eguna biribil-biribila atera zitzaien, eta horretan eguraldiak ere zer ikusi handia eduki zuen. Eguraldi ederraz gozatu genuen egun osoan, iduzkirik gabea, baina arras goxoa, dantzatzeko eta egun ederra pasatzeko bikaina. Dantzariak trumilka hurbildu ziren Arrangoitzera, eta bizpahiru autobus ikusi ahal izan genituen herriko aparkalekuetan, garai zaharretan bezala. Goizeko mutxikoak jendetsuak izan ziren. Sérge Betelu urrats-emaile izan zen eta musikariak Ezpela txarangakoak. Dantzariok han aritu ginen pilota-plazan jo ta ke, inoiz bukatzen ez ziren zirkulu kontzentrikoak, behin eta berriz, egiten. Bazkaltzeko tenorean, giroa pixka bat apaldu bazen ere, izan genuen han zer egin eta zer entzun. Korsikako kantariek gure belarriak izugarri gozatu zituzten Mediterraneoko doinu beroak guregana ekarriz. Baina denak ez ziren txosnetan gelditu, asko eta asko inguruko pentze berdeetan sakabanatu baitziren, eta han ibili ziren piknikatzen, kantatzen eta dantzatzen biziki lagunarte ederrean. Arratsaldeko laurak aldera, dantza ikuskizunak ikusteko aukera ukan genuen. Hasieran, Errenteria aldeko Kukai taldearen Gela-jauziak ikuskizuna eta ondoren Zuberoako Kauter Baletaren Zaharrak eta Gaztik izenekoa. Biak, zinez ederrak eta dantzariak mundialak. Hauek burutzean, Kitti Borda eta bere taldearen txanda iritsi zen, eta berehala, han bildutakoak ikusle izatetik dantzari izatera pasatu ziren. Hura jendetza, han dantzan ari zena! Aterpea jendez mukuru zen. Eta horrela ilundu arte. Gero kantuak nagusitu ziren Arrangoitzeko bazterrez. Xiberotarrek ez zuten atsedenik ematen, kantu bat bukatu orduko hurrengoarekin hasten baitziren. Eguna biribila izan zen, eguraldi polita, antolakuntza ona, hurbildutako jendea dantzarako prest… Eguneko une txar bakarra, ene idurikoz, xiberotar dantzari batek pairatu zuen istripua izan zen, ohiko dantzetan godaletera jauzi batez igotzean, basoa zangoaren azpian guztiz txikitu baitzitzaion mutilari odola eta zauria sortuz. Hori kenduta, aurtengo Mutxikoaren Eguna arras ederra izan dela erran beharra daukat, eta horixe bera da Arrangoitzera egun-pasa egitera hurbildutako guztien ezpainetatik entzun zitekeen iruzkina. Hurrengo urteetan ikusiko dugu ea antolatzaile gazteek gauza diren aurten erakutsitako maila handiarekin jarraitzeko, eta horrelako arrakasta atzemateko. Ni lortuko dutelakoan nago. Ez dut artikulu hau amaitu nahi aurreko urteetan besta hau antolatzen aritu ziren Iparraldeko Dantzarien Biltzarrekoak zoriondu gabe, urtez urte kemen handiz eta maila handia erakutsiz jardun dutelako. Beraiek iraunarazi dute mutxikoen sugarra. Zuentzat, bada, nire eskerrik beroena. Aurten Hats Berriko gazteek lehen urrats oparoa egin dute, ildo polita erakutsi digute; hurrengo urteetan ere jorratu duten bide beretik jarraituko dutelakoan nago, gaurko hats berriek biharko kimu berriak ekarriko baitizkigute. Pixkor ibili gazteak! EUSKAL HERRIA TXIRTXIKATUA BAINA EZ AHANTZIA Euskal Herri txirtxikatua, hauxe da Lapurdi 1609 elkarteak Napoleonen garaiko Euskal Herriak jasan zuen sufrikarioa gogoratzeko burutzen ari den ekitaldi multzoari ezarri dion izena, eta hauxe bera izan zen Eneko Bidegain kazetari ikertzaileak urriaren 21ean, astelehenarekin, arratsaldeko 6,30etan Amotzeko Larraldean eman zuen hitzaldiari jarri zion izenburua. Hitzaldia euskaraz eman zuen jendez mukuru zen Larraldea etxaldeko aretoan. Hitzaldi honekin Lapurdi 1609 elkarteak hastapena eman zion bost hitzaldiren ekitaldiari. Lehen biak, urriaren 21ekoa euskaraz eta 23koa frantsesez, Eneko Bidegainek eman zituen eta Txomin Peillenek, Benjamin Duinat-ek eta Fernando Mikelarenak beste hiruak emanen dituzte. Mixel Mendiburuk aintzin solas gisa ongi etorria eta eskerrak bihurtu zizkien etorritakoei. Hizlaria ahantzi gabe. Garbi utzi zuen frantsesek eta espainolek, hau da, irabazleek, historia beren faboretan idazten dutela, maiz itxura ederra emanez, Orreagako gudatik hasita . Guri euskaldunoi dagokigu , bertzeei utzi gabe gure historia ikertzea eta kontatzea. Hizkuntza bezala, lurra bezala gure historia ere behar dugu defenditu. Gero Eneko Bidegainek hartu zuen hitza, eta pantailan proiektatu zituen irudien bidez, Napoleonen gainbeheran Iparraldean gertatu zen bipiltze eta sarraskiaren berri eman zuen. Garai hartan Iparraldeko hiru lurraldeetan 160000/180 000 inguru biztanle bizi ziren, eta Espainiatik eta Hegoaldetik ihesean etorri zirenean, 70.000 soldadu frantses inguru sartu ziren, baita beren emazteak eta haurrak, eta funtzionario ainitz ere. Soult mariskalak Baionatik defentsa antolatu zuen, eta aro txarra zela eta, Wellington jeneral ingelesaren agindupeko armada aliatua ez zen sei hilabetetan Gipuzkoatik eta Nafarroatik mugitu. Armada horretan baziren britainiarrak, espainolak eta portugaldarrak eta 100.000 soldadu inguruz osatua zen. Sei hilabete horietan frantses armadak Iparraldea bipildu eta arpilatu zuen. Napoleonen soldaduak gaiztagin gisa aritu ziren eta euskaldunek horrela ikusten zituzten. Herrika xeheki ikusten ahal zen zer desmasiak egin zituzten, hemen zenbait etxe erre, han desegin, bertze toki batean hainbertze kinta belar ebatsi, balorezko bitxiak hartu, arto landak zaldien zangopean txikitu. Datu harrigarriak dokumentuetan oinarrituak. Hori dela eta, ingelesak sartu zirenean, jendeek askatzailetzat, libratzaile gisa hartu zituzten. Ahatik, espainiarrek Wellingtonen aginduak ez zituzten betetzen eta arpilatzen eta ebasten segitu zuten Eneko Bidegainek, gero, herriz herri, urtez urte heriotza tasa ekarri zuen gogora 1813/1814 urteak konparatuz aintzineko eta ondoko urteekin. Erraten ahal da 1814 hil tasa, normalean baino bikoitza dela eta milaka jende hil zela. Ingelesen okupazioko garaikoak dira, bai, baina frantses tropek egin basakerien ondorio. Adibidez Ezpeletan 1814an 25 hiltzetik 90era pasatzen gira, Itsasun 40tik 94ra, Saran 50etik 125era, Senperen 50etik 99ra, Urruñan 63tik 132ra, Azkainen 21etik 83ra, Donibane Lohizunen 76tik 243ra, Hendaian 9tik 18ra, Bidarten 22tik 64ra, Ziburun 32tik 140ra, Kanbon 22tik 140ra, Arbonan 8tik 38ra, Hatsun 10etik 28ra, Larresoron 17tik 33ra, Mugerren 33tik 76era, Hazparnen 90etik 254ra… eta Baionan 1811n 975 lagun hil ziren, hiru urte berantago, hau da, 1814. urtean 3274 lagun. Amaigabeko zerrenda honetako datuei jarraiki, argi eta garbi ikusten ahal dugu milaka direla Iparraldean hil zirenak. 4000 edo 4400 inguru kalkulatzen dugu gaur. Eta Eneko Bidegainen galdea: zer pasatu zen? gosetea, izurritea? Hauxe da XIX. mende hastean Iparraldeko euskaldunei Napoleon ertzoak sortu gerlek ekarri zizkieten kalteak. Beharrezkoa da egiazko datuak ezagutzea, historian egiazki gertatu zena jakitea, manipulatuak, erabiliak ez gaiten izan. Oraindino badira Napoleon gizon handitzat hartzen dutenak, Hitler, Mussolini, Stalin, Franco eta beste genoziden zerrendan jarri beharrean. Biziki hitzaldi interesgarria Eneko Bidegainek Larraldean eskaini ziguna, etorriko diren hitzaldien aitzindari. Hitzaldiaren bukaeran, entzuleen artean zen Xumai Murua bertsolariak hiru bertso ederretan laburbildu zuen hitzaldian entzundakoa. Hona hemen: Zuek bezala egotua naiz alkietan eseria Enekok hunat plazaratu du gorderik zagon egia batzuek gerran josta zitezen bertzendako miseria bietarik bat ahantzaraztea hori ez da zilegia. Napoleonek bataila zonbait nahiz bertze nunbait eduki lurralde huntaz ardura zedin galdegina zion Soulti Sorauren galdu eta gibelka etziren etorri guti bat berak ere etzuelarik ez bihotz ta ez erruki. Jende xeheak behar izan du armada biziarazi nahiz inglesekin harremanean sos pittin bat irabazi errekisizioez haratago ohointza eta sarraski zuei eskerrak oraindik ez da gertatu zenik ahantzi. “GERNIKATIK ASTELEHENA” DONIBANE LOHIZUNEN Azaroaren 10ean, igandearekin, eta arratsaldeko 4,30etan, Xabi Soubelet eta bere taldeak kontzertu bat eman zuten zuten Donibane Lohizunen, Dukonteneko areto nagusian. Begiraleak elkarteak antolatzen zuen eta Kanboko Xalbador Kolegioaren aldeko ekitaldia zen. Kontzertuaren izena: Gernikatik astelehena. 4,30etan han nintzen, areto eder horretako lehen ilaran jarrita. Aretoa ordurako jendez mukuru zen. Musikariak oholtzan hasteko prest. Soubelet erdiko mikrofonoaren aitzinean eserita, Nat Cazaré gitarra-jolea ezkerrean zutik eta eskuinean Andreas Eichner flauta-jolea. Haien gibelean, Nerea Aizpurua biolontxeloaz, Amandine Berruet biolinaz eta Lorea Ugarte perkusioaz. Begiraleak elkarteko kide batek aurkezpen laburra egin zuen. Alemaniar hegazkinek 1936ko apirilaren 26an, astelehenarekin, Gernikan egin zuten bonbardaketa aipatu zuen lehenik, horixe baitzen Soubeletek kontzerturako hartuta zuen ardatza. Astelehen batez egin zuten sarraskia, burutu zuten eraso basa hura, baina euskaldunok egunero astelehenean, hau da, erasoz beteriko egunetan bizi garela ekarri zigun gogora. Gero, kontzertuko kantuen ildo nagusiak argitu zituen: euskara eta Euskal Herriaren aurkako erasoak, euskara indartu eta zabaldu beharra, Oteiza eta bertsolariak, artisten sormena, Lanpedusara edota Andaluziara pateretan iristen diren etorkinen patu hitsa, emaztearen izaera berezia, eta abar. Aurkezleak bukatu orduko, taldearen ordua hasi zen, goxo eta sakon, bertan ginen guztion arreta bereganatuz eta bihotzak piztuz. Kantuak olerki musikatuak ziren, gehien.gehienak Xabier Soubeletenak, baina baziren Amaia Lasa, Joxan Artze eta Txomin Peillenak zirenak ere. Doinua berezia zen, zenbaitetan esperimental kutsukoa; tarteka Mikel Laboaren xaramelak zetozkidan gogora. Bi orenez aritu ziren kantari, eta osora hamazazpi abesti eder kantatu zituzten. Kantu horietan bazen filosofia berezia, aldarrikapenarekin uztarturiko filosofia. Aukeratutako olerkiak sakonak ziren, mezu handikoak eta ainitzetan errima musikal batez osatutakoak. Hitz bakoitzak bere toki zehatza zuen, musikalitate berezia esaldiaren barruan. Soubeleten estiloa arras musikala da, bere olerkiak ozenki irakurtzekoak dira, begietatik baino gehiago belarrietatik sartzen direnak, eta hori dela eta, kanturako guztiz aproposak. Lorea Ugarte gaztearen ahots eztiak joko handia ematen zuen kontzertuan, eta ez naiz oso igarle izan behar, etorkizun musikal handiko ahotsa dela erraiteko. Geroa lekuko. Entzun genituen hamazazpi abesti horietako hiru ekarriko ditut orain lerro hauetara, niretzat gogoeta-iturri izan zirelakoan. Ote hiza? izenekoa horietako lehena da. Bertsolariek alderantziz pentsatzeko duten trebeziaz aritzen da, eta Oteizak horretaz egin zuen iruzkina hartzen du sustraitzat. Hori azaltzeko Soubeletek metafora eder bat darabil. Bertsolariak hondartzan alderantziz ari diren igerilariekin alderatzen ditu. Hauek Donibane Lohizunen, itsas bazterrean, ari dira igerika, alderantziz, kontrako norabidean. Bitartean, publikoa hondartzan dago ikusiz eta entzunez eta bertsoak uhainez, kresalez eta aparrez iristen zaizkie. Jendea hondartzan dago itsasoari begira zer jende pila! erdian Oteiza, jotzen ezkila. Bertso saioa berehala hasiko da, dardara, dirdira eta bertsolariak igerikan hasi dira. Atzeraka urrunduz, lurrartzerantz, bizkar dantzaz, besoak jira eta bira. Hire etorkin izeneko kantuak zirrara berezia sortu zidan. Bertan olerkariak pateretan Europara iritsi nahian dabiltzan etorkinen tragedia kontatzen zuen. Horretarako Soubeletek bi hitz hartu zituen ardatz gisa: ero eta erro; bi hitzekin sorturiko jokoak kontakizuna maisukiro zuzentzen eta eratzen zuen. Hona hemen: Erotzat naun, nik aldiz errotzat, lur galduaren errotik erotu hiretzat. Errotik natorkin, erro gabeko etorkin, erotu nahi hirekin, hego haize, ero haize, uztargin. Agur urdin! Agur uhin! Kaixo herrimin eta bihozmin, nire erroari eskumin. Azken kantuan, Hizkuntza galdua izenekoan, Iparraldean gertatzen ari den hizkuntza ordezkatzeaz mintzo zen. Hau da, euskararen gibelatzeaz eta frantsesaren inposaketaz. Horretarako Xabier Soubeletek Joxan Artzeren errepika bat hartu eta lau koblez osatu du. Txioka galtzen duen txoria dakarkigu gogora, txioka galdu eta agintzen duen zakurraren zaunka hartu. Urteen poderioz, txoriek txioka egiten zutela ahantzi eta iduritzen zaie zaunka izan dela beti heien mintzaira. Euskaldunekin ez ote da gauza bera gertatzen ari? Ikus dezagun azken kobla: Urteak pasa ta txoriak zaunka berea dela dio Aho batez bere hizkuntza omen dela, serio Basamintza txioari aspalditik esana adio izanari uko, eta luma saldu, sosa medio. Eta baita Artzeren errepika ere: Xoriak galdu du txioa, arrotza bilakatuz Xoriak galdu du mokoa, bere izana ukatuz Xoriak galdu du bere luma, arima ere salduz Xoriak galdu du bihotza, erdaldun bihurtuz. Kontzertua ederra izateaz gain, iradokizun eta barne galdera ainitzen sortzaile izan zen niretzat. Sakontasun handiko olerkiak, sorburu handiko iturriak ziren kontzerturako hautatu zituztenak, gizatasun handikoak, inkonformismoaren sugarra entzuleen baitan pizten zutenak, matxinadaren beharra, behin eta berriz, oroitarazten zigutenak. Eta aipatzen zuten astelehen kontu horrena egia zela garbi ikusi nuen, euskaldunok beti astelehenean bizi gara, era guztietako erasoei aurre eginez, Gernikako astelehenean, gainera. Ibilbide luzea eta oparoa desiratzen diet Xabi Soubeleti eta taldea osatzen duten gainerako guztiei. Euskal Herrira, jadanik, gogoetaren orena iritsi zaigu. Zabal ditzagun leihoak eta irabaz dezagun horren beharrezkoa zaigun askatasunezko geroa, etorkizuneko belaunaldiek bihotz-bihotzetik eskertuko baitigute. LURRARI DEIKA PAUSUKO XAIAN Abenduaren 20an, ostegunarekin, biziki ekitaldi ederra izan zen Urruñako auzoa den Pausuko Xaia ostatuan, Gipuzkoako eta Lapurdiko muga aldeko herrietan ezagunak ditugun Jon eta Josu Galdos anaia hondarribiarrek Hiria argitaletxearen bitartez berriki plazaratu duten Lurretik Lurrera olerki liburuaren aurkezpena bertan egin baitzuten. Jon Galdos ezaguna dugu Lapurdiko itsas-hegian, luzaz Donibane Lohizuneko Begiraleak elkartean txalaparta eta kirikoketa errejenta izan dugulako, eta baita Ziburuko, Urruñako eta Hendaiako hainbat ostatutan bere tindurak erakusgai izan eta izaten dituelako. Estilo berezia du, amalurrarekin eta euskal mitologiarekin biziki atxikia, magikoa, hitz bakar batez definitzekotan. Aiako Harria, ilargia, iduzkia, lurra, ura, oihanak, txalapartariak, mendiak, leizezuloak, trikuharriak, zuhaitz eder eta bitxiak, euskal mitologiatik hartutako pertsonaiak… izaten dira bere tinduretan gehien errepikatzen eta uztartzen diren margogaiak. Koloreak argiak izaten dira, lurrak eskaintzen dizkigun koloreetatik hurbil samarrak. Oraintxe bertan, hamar bat tindura ditu Xaia ostatuko paretetan zintzilik eta salgai. Olerkigintzan eta Josu anaiarekin batera, tindurekin loturiko poema ederrak, iradokorrak, euskal sustrairik sakonenetatik irtendakoak egin izan ditu, eta erakusgai ezartzen dituen tinduren ondoan izaten dira artelanaren adierazgarri gisa. Oraingoan, paretak utzi eta liburu baten orrialdeetara eraman dituzte. Liburu ederra, zinez adierazkorra, barne-barnean sartzen den horietakoa. Lehen aipatu bezala, abenduaren 20an, ostegunarekin, eta arratseko 7etan aurkezpena egin zuten. Ostatuan baziren hogeita hamar bat lagun inguru. Bertara hurbildu ziren, besteaz beste, Hatsaren Poesiako eragile nagusia den Auxtin Zamora olerkari senpertarra eta Hiria-ko nagusi den Luis Haranburu-Altuna idazle ospetsua. Jon eta Josu anaiekin bost bat txalapartari azaldu ziren, eta hiru txalaparta ostatuan montatu zituzten. Horietako bat harrizkoa zen, arbel itxurako harri batekoa, makilekin jotzean biziki soinu berezia eta sarkorra sortzen zuena. Txalapartarien takun-takunaren artean Josu Galdosek hainbat olerki errezitatu zituen. Aterpe goxoa izenekoa dut gogoan. Horra hor: Lur izoztu eta malkartsuetan, heriotza usaintzen nuenean, aurkitu zintudan. Ekaitz latzenentzat, zu nire aterpe goxoa. Negu gorriaren gau trumoitsuan, lur izoztu eta malkartsuan, haize zakarrak jotzen zuenean, zeharo galduta ahulduta nengoenenean, itxaropenaren argia itzali zenean, heriotza usaintzen nuenean… orduan… Orduan aurkitu zintudan, orduan jaio zen doinu eztia. Ekaitz latzenetan, zu nire aterpe goxoa, amets gaiztoenentzat, ni, zure gaueko argia. Patuak banandu gintuen, gure malkoei kasurik egin gabe, gure oinazea kontuan izan gabe. Negu asko igaro dira geroztik, nire bihotzak hori ez daki, indar berdinez jotzen du, aspaldi sortu zen doinu eztia. Josuren hitzek eta txalapartarien takunak zirrara handia eragin zuen bertan entzuten ari ginenon barruetan. Amalurrari egindako omenezko errezitaldi batean ginen, amalurrarekin lotzen gaituzten lokarri ikusezinak baina arras errealak iratzarriz, lurrari deika. Eta horrela ulertu genuen han, errezitaldi magiko eta teluriko hartan ginenok. Lurrak sortuak ginela oroitu genuen, lurrari deika ari ginela konprenitu. Horixe da, ene idurikoz, Josu eta Jon Galdos anaiek plazaratu duten liburuaren mezua, lurraren omenezko kantua, lurraren gorazarrezko otoitz ozena, gure oroitzapen telurikoen arrapizterako gonbitea. Horrelakoen behar gorrian gaude eta horrelakoak gehiagotan entzun eta sentitu beharko genituzke. Buka dezadan lerro hauetara Amalurra izeneko olerki xarmangarria ekarriz: Heriotza eta era berean bizitza, Ama eta era berean lurra, Ama lurra behin ikustea, Usaintzea, nahikoa bere epelean apaltzeko, lasaitzeko eta gure erraiak esnatzeko Aspaldi honetan ez dugu ez… lurra ikusten, entzuten, usaintzen. Arrotz egin zaigu lurra, arrotz gure ama… Gure bakardadean inolaz ezin beteta sentitu, gure ama lurra gabe inolaz ezin gure, hutsune izugarria bete Noraezean, toki guztietan asegaitz, bilatzen dugun arren, beteko gaituen zerbait alferrik, ezinean. DIDIER LAFITTE 30 URTEREN BURUAN 1984ko martxoaren 1ean, frantses poliziak zain ziren Baionan, Justizia Jauregiaren inguruan, Iparretarrak erakunde armatuko hainbat militanteren aiduru. Didier Lafitte eta Gabi Mouesca zihoazen autoa inguratu eta tirokatu egin zuten. Martinez inspektoreak tiro batez Lafitte hil zuen. Bala bizkarretik sartu zion birika bat zulatuz. Didier Lafittek gazteak 22 urte zituen eta hil zutelarik bihotza esperantzaz beterik zuen. Hogeita hamar urte beranduago, 2014ko martxoaren 1ean, Lafitteren adiskideek omenaldi eder bat prestatu zioten bere herrian, hau da, Donibane Lohizunen. Eguerdiko 12ak aldera, jende ainitz bildu zen herriko plazan. Momentu horietan ateri zen. Bertan adin guztietakoak eta Euskal Herriko bazter guztietatik etorritakoak ziren: bihotza ilusioz betetako nerabeak, Didierren senide edota adiskide izandakoak, erakunde armatuan berarekin ibilitakoak, abertzale jendeak… Erlojuak ordua markatzean begirunezko isiltasun handia nagusitu zen plazaz. Berehala txalapartariek hasiera eman zioten ekitaldiari. Gero, Eneko Labegeriek bizpahiru kantu eskaini zizkigun omenaldira hurbildutakooi. Lehena, nola ez, gazte donibandarraren heriotza salatuz J. Dazantzek idatzi eta Guk taldeak Euskal Herri osora zabaldu zuen Arrantzale maitagarri gogoangarria: Arrantzale maitagarri, gogoan diat hire irri libertatez hain egarri, hautatu gure aberri. Arrantzale maitagarri, gogoan diat hire irri. Abertzale bai gudari, guretako haiz erori, sasitar ta presoeri laguntza nahiz ekarri. Tirokatuz xoriari, pozik hago ihiztari. ez uste ken gerorari eperantzaren iturri. Hau gertatu Didieri houtetsien nahikari lotu gaiten borrokari bizi dadin Euskal Herri. Ondoren Jean Mixel Diraxar eta Manu Irigoien mintzatu ziren Didier Lafitteren atxikimendua eta garaiko egoera labur aztertuz. Hauek bukatzean, Donibane eta ondoko herrietako hogei bat neska-mutil inguruk, abilezia eta dotorezia handiaz, oren erdiko koreografia ederra eskaini zuten Didierren bizitza, militantzia, heriotza ezin hobekiago azalduz. Patxi Adurriagak eginiko eta zuzenduriko koreografia hau biziki ederra izan zen beste hainbat tokitan errepikatzeko modukoa. Bertara hurbildutakook esku zarta beroez eskertu genuen. Dantza saioa amaitzean, Didier zenaren Paxkal anaiak hartu zuen hitza, bere anaiaren hilketa salatzeko eta ordutik izan den garapena oroitarazteko. Bukatzeko, Xabier Soubeletek eta Nat Cazarrék, lehenak Didierren omenez egin kantua, abestu zuten. Adiskideek Didier Tapas ezizenaz deitzen zuten, eta horixe da Soubeletek egin kantuaren izena. Hona hemen: Ozena, ozena, euskaldunen orroa, ozena abertzalearena, ozenago oraino, isilik egundaino Tapas gaztearen oroimena. Egun xintak gaua dakar biziaren gau gurdina bainan heriotz guziek ez dute erran nahi berdina. Batzuen gorputzek lurrari ematen diote azken etekina beste batzuek herriarengan sortzen dute bihozmina, Itsasbeherak itsasora daramazki gudarien orroak, itsasgorak indarturik dakarzkigu askatasun gogoak. Donibane-Ziburu eredutzat har Tapasen pausoak etorkizun argian dirdirez baitira euskaltasunaren ildoak. Inoiz ez dezagun utzi saltzen gure Euskal Herria, Tapasek gazterik erakutsi baitzigun denei bidea. Nahiz egun armak orotan isildu, ez ahantz otoi adiskidea, haiena guri so beti dutela, begi miran abertzalea. Ozena, ozena, euskaldunen orroa, ozena abertzalearena, ozenago oraino, isilik egundaino Tapas gaztearen oroimena. Gero, plazatik jendea Infantaren Ibilbideko izkina batean Didierren omenez ezarrita den oroigarriraino abiatu zen. Bertan Paxkal anaiak eta Didierren neska lagun batek lore eskaintza egin zioten. Aitor Servier bertsolari gazteak bere bertso ederrez guzion bihotza hunkitu zuen. Segidan, dantzariek ikurrin handi baten gerizpean omenezko aurresku sentikorra dantzatu zuten eta gero ohiko oihuak eta aldarriak. Borrokalari zahar batek Herriak bizi behar du! oihu egin zuen bihotz-bihotzetik atera zitzaion sentimendu sutsuaz. Gero gerokoak. Bazkaria Ziburuko Baltsan elkartean, Kuxkuxtu taldearen kantuak, lagun zaharren arteko besarkadak eta solasak, banakoak eta fandangoak, Enbata taldearen kontzertua… Nik Didierrekin batera borrokatu zirenen aurpegietara begiratu nuen. Mina ezin jasanez ziren, negarrari ezin eutsi. Horietako batzuei masailetatik malkoak irristan zebilzkien. Iragana zuten gogoan, dudarik ez, gaurko oraina ahalbideratu duen iragan hits hura. Garai berriak heldu zaizkigu, borroka bide berriak dira nagusi gaur gure artean, baina Euskal Herriak zuloan segitzen du, arrotzen menpe, zanpaturik, kolonizaturik… Haatik, euskaldunok ez gara erresistitzeko bakarrik sortu, irabazteko baizik, eta horren urrun ez den zorioneko egun batean haizeak libre ferekatuko ditu Baionatik Tuterara eta Mauletik Bilbora, nonahi, herri guztietan, airoski eskegiko ditugun ikurrinak. Orduan ere, Didierren eta beste borrokalari guztien oroitzapena gurekin izanen da. Haizeak goxoki xaramelatuko du: Arrantzale maitagarri, gogoan diat hire irri. MARTIN GILBEAU.URRUÑAKO EUSKALTZALE HANDIA Ainitzetan euskal kulturan eragile handiak izan direnak gure oroitzapen kolektibotik arras ahantzia dauzkagu. Gauza batengatik edo bestearengatik, gure historiatik arrunt baztertuak ditugu. Horixe da Martin Gilbeau euskaltzale handiarekin gertatzen zaiguna. Urruñarra eta Urruñan gaur guztiz ezezaguna duguna. Zergatik? Zendako? Zein izan da bere hobena? Zergatik ahantzi dugu? Ba al du horretan zer ikusirik bere antiklerikalismoak? Horretan nago ni, bederen. 1.- Gilbeauren sortze eta gaztaroa.- Martin Gilbeau Oiartzabal Urruñan sortu zen 1839ko agorrilaren 3an. Aita itsasgizona zuen eta ama Pexeeneberriko etxekoandrea. Aita Le Lapin izeneko ontzian aritzen zen lanean, eta itsasoan desagertu zen Martin sortu zen urte bereko abenduan. Hiru anaia-arreba izan zituen, baina hiruak haurtzaroan hil zirenez gero, Martin umezurtz gelditu zen, amarekin bakarrik, lau hilabete zituelarik. Umezurtza zela eta, estatuak eman hainbat laguntzaren bitartez, goi mailako irakaskuntzara iritsi ahal izan zen. Medikuntza ikasketak burutu zituen Bordeleko Saint-André ospitalean, eta 1869ko otsailaren 16an mediku titulua atzeman zuen. Sendagile titulua eskuan zeukala, Euskal Herrira itzuli zen, eta Donibane Lohizunen aritu zen lanean, Hazparneko seme zen Xan Battitt Larralde mediku eta olerkariarekin batera. Urtebetez bakarrik, 1870. urtean hil baitzen hazpandarra. Orduz geroztik Donibanen bizi izan zen Marie Dihursuribehere-rekin ezkondurik. 2.- Gilbeau, Donibane Lohizuneko auzapez.- Arras ezaguna zen garaiko donibandarren artetan, eta horrek bultzatu zuen 1878ko urtarrilaren 6an izan zen bozketan errepublikarren zerrendaburu aurkezteko. 213 bozka atzeman zituzten eta horren arabera lau ordezkari egokitu zitzaizkien. Eskuindarrek, berriz, hemeretzi ordezkari lortu zituzten. Legeak administrazioaren esku uzten zuen kantoiko hiriburuetako auzapezaren hautaketa, eta honek hauteskunde Gilbeau doktorea hautatu zuen Donibane Lohizuneko auzapez. Kargu horretan jarraitu zuen hamar urte luzez. 1878ko agorrilaren 28 eta 29ko eta 1882ko otsailaren 11ko ekaitz handien ondoren, badia hetsi zuen eta portu hobetu. Bainuetxe pare bat eraiki zuen, kasinoa zabaldu zuen eta 1879an, hiri osorako gasa bermatu zuen gas-lantegia eraiki zuen. 1881 eta 1883 urteen artean, lintzurako lurrak idorrarazi zituen eta urbanizazio plangintza zehatz bati jarraiki, Aintzirako eta Haize-errotako auzotegiak sortu. Lau urteko legealdia bukatzean, berriro hautatu zuten auzapez 1881eko urtarrilaren 9an. Urtebete berantago, hau da, 1882ko martxoaren 28an, Pariseko Parlamentuak irakaskuntza beharrezkoa eta laikoari buruzko legea atera zuen. Lege hau beharrezkoa zen zazpi eta hamahiru urteren arteko haur guztientzat. Lege honek ordura arte irakaskuntzan aritzen ziren errejenta edo maisu erlijiosoak kanporatu zituen eta haien ordez, errejenta laikoak ezarri. Gilbeauk, errepublikarra izaki, irakaskuntza publiko eta dohainekoaren alde egin zuen. 1884ko maiatzaren hauteskundeetan hirugarren aldiz hautatu zuten auzapez. Donibane Lohizuneko irakaskuntzan bi apez aritzen ziren, Etxeberri eta Elizaga . Gilbeauk, irakaskuntza laikoaren alde eginez, ordura harte herriko etxeak hilero pagatzen zien ordaina kendu zien. Honek eskandalua eta kalapita sortu zuen. Donibandar fededunak, baita alderdi errepublikarrari bozka ematen ziotenak ere, Gilbeau doktorearen aurka jarri ziren. Azkaingo erretorea, I. Doihanbehere Donibaneko bikarioen alde lerrotu zen. Hauek Gilbeauren antiklerikalismoa bazter guztietan barna zabaldu zuten, eta horrela, 1888ko maiatzaren 6an izan ziren hauteskundeetan Goihenetxe doktorea nagusitu zitzaion eta auzapez kargua kendu zion. 3.- Gilbeau, euskal kulturaren bultzatzaile.- Baina Donibane Lohizunek auzapez ona galdu bazuen, erran beharra daukagu, euskal kulturak eragile eta bultzatzaile bikaina irabazi zuela. Martin Gilbeauk, auzapez kargua galduz geroztik, bete-betean aritu baitzen euskararen eta euskal kulturaren alde. Hala eta guztiz ere, euskal kulturaren arloan mugitzen ziren apez eta fededun ugariek nehoiz ez zioten barkatu auzapez izan zelarik, Etxeberri eta Elizaga bikarioei ordaina kendu izana, eta, nahiz eta Donibane Lohizuneko Elizaga erretorearekin eta Adema Zaldubi kanonikoarekin adiskidetasun handia izan, horietako ainitz ibili ziren aldiro zangalatrabak jarriz eta Gilbeau doktorearen lanak oztopatuz. Heientzat Gilbeau deabruaren pertsonifikazioa zen. Martin Gilbeauren euskaltzaletasuna zaharra zen. Jadanik, hamasei urte zituela Euskaldun baten bihozminak Indietan izeneko bertso sorta idatzi zuen. 1859an, hogeita hiru urte zituela, Antton Abadiak Urruñan antolatu zituen Euskal Bestetan hirugarren saria eskuratu zuen Euskaldun desterratua olerki sortarekin. 1 Triste jarria desterruan, Orai noha kantatzera, Zer dudan maite mundu huntan Dolu minez erraitera. Sort-herria! Lur maitia! Sekulan Bizian Ezin ahantzia! Adios! adios mendi ederrak, Nihon parerik gabeak! Adios! adios ibai bazterrak, Eta oihartzun emeak! Adios! Laphurdiko alhorrak! Adios, ene amoreak! Adios! adios en'herritarrak! 2 Denbora iragan ondoan, Orai dut orai ikhusten, Ez dela herria sekulan Ez aski nihoiz prezatzen. Sort-herria & 3 Guti nauk hitaz goza, Oi lur adoragarria! Hire minaz ene bihotza Hurtzen hari duk guzia. Sort-herria & 4 Hire orhoitzapen saminak tristatu naik sekulako, Zeren ditudan maiterenak Hor utzi sorthu orduko. Sort-herriak & 5 Oi zerua zoinen eder den Ipharra garbi denean! Eta zoinen den goibel arren Mendebal hedoi denean! Sort-herria! & 6 Hala-hala ene urtheak, Hain lehen eder zirenak! Hi begietarik galtzeak Ilhunarazi tik denak. 210 Sort-herria! & 7 Helas! hi ganik urrundua, Oi herri hainitz ederra! Bihotz mineraino zaurthua, Ixurtzen diat nigarra. Sort-herria! & 8 Hala-nola du arantzeak Zauri minena gaixtatzen, Hala du ene doloreak Bihotzean ihardesten. Sort-herria! & 9 Ezin sobera maithatutzen Haran benedikatua, Hire ganik noiz arteraino Izanen nauk urrundua! Sort-herria! & 10 Lur atzean laster da histen Lore ederren botza. Hasi orduko birlandatzen Hala da histu enea. Sort-herria! & 11 Zoinen garratz den desterruan Orai dut orai ikhusten, Ez dut, ez dut uste munduan Min dorpheagorik baden! Sort-herria! & 1872ko lehiaketara Einadak izeneko bertsoak igorri zituen, baina epaile kontserbadoreek ez zituzten onartu. Gilbeauk gogor kritikatu zuen jukutri hori L`Avenir des Pyrénées delakoan idatzi zuen hainbat artikulutan. Ikus ditzagun bertsoak: 1 Ametsetan ihunik, herria gogoan, Goiz batez banindagon jarria leihoan, Einadak lorietan zohatzen airean, Orhoitzapen bat phiztu dautet bihotzean. 2 Norat zohazte, norat, einada maiteak? Ez urrun, ez hegalda, hegaztin emeak, Senda zatzue, othoi, ene arantzeak, Agor zuen hats-onaz ene onhazeak! 3 Zer berri dakharzue ene sor herritik? Nigarrez hari nago nere desterrutik, Orhoitzapen dorphea! othe duk parerik? Aphal zaizte, einadak, goan gabe bixtatik. 4 Hara-han hainitz urrun mendi Eskaldunak, Ikhusirik zarete heldu, hegaztinak, Zer dio bere haurraz ene ama onak, Nigatik nigarretan maizegi dagonak? 5 Zer diote haurraren maithatu lagunek? Zer ezin ahantzizko haran oihartzunek? Ni gabe, hek gabe ni! nere hatsberenek Iraun bezate iraun nola mundu honek! 6 Baina oi! bihotz mina! jadan bazohazte! Zer! nihork sortherrian ez othe nau maithe? Zeru goretan barna arinik zohazte, Ene dohakabea! aira ezin naite. 7 Laster duzue berriz eskaldun herria, Ikusiren, einadak, oi! zuen zoria! Nik hemen auhenetan, oroz ahantzia, Tristerik iraganen dut ene bizia. 8 Eldu den primadera berriz agertzean, Bizi banaiz oraino nere desterruan, Hegalda zaizte, othoi, ene leihopean, Eta erran zer berri den ene sorlekhuan. Hortik aitzina, buru-belarri aritu zen ikerketak egiten eta Arturo Kanpion, Jose Manterola, Elizanburu eta beste euskaltzale ospetsurekin batera euskal aldizkari eta jaiak bultzatuz. 1881ean eta 1882an lehen Euskal jaiak antolatu zituen Donibane Lohizunen. Geroxeago, beste euskaltzale liberalekin batera, Association Basque izenekoa sortu zuen Uztaritzen. Bertan ibili ziren San Martin eta Harriaga --Hazparneko morroskoa deitua-- diputatuak, Arturo Kanpion iruinsemea, J.D.J. Salaberri Mauleko notarioa, Uztaritzeko Duhart eta Ezpeletako Haltzuet auzapezak… Elkarteko lehen lehendakaria Guilbeau doktorea izan zen. 1894an Hazparnen bildu ziren, 1895ean Ezpeletan, 1896an Kanbon, eta 1897an Saran, azken herri horretan Elizanburu omendu zutelarik. Sarako bilkura horretan, Gilbeauk eta Vinson euskalariak euskararen ortografia finkatzeko akademia bat sortzea deliberatu zuten. Azkenik, 1901eko irailaren 16an, Hendaian lehen Euskal Ortografia Biltzarra izan zen, eta bertara hurbildu ziren Bidasoaren bi aldeetako euskaltzalerik famatuenak: Azkue, Arana-Goiri, Arturo Kanpion, Txomin Agirre, Serapio Mujika, Adema Zaldubi, Arbelbide, Broussain, Hiriart-Urruti, Daranatz… Biltzar honetatik Euskal Herriko Literatura Federazioa sortu zen, Adema Zaldubi lehendakari eta Martin Gilbeau idazkari izanen direlarik. Hortik sortu zen geroxeago, 1902. urtean, Euskaltzaleen Biltzarra eta Euskal Esnalea 1908an. Urte berean, Martin Gilbeauk bere azken lana plazaratu zuen: Hitztegiko pasarte batzuek izeneko hiztegiñoa. Baionako Euskal Erakustetxean Euskal herriko hizkuntza mapa bat ezarri zuen erakusgai, baina zorigaitzez, ez da gure egunetara iritsi. 1912ko abenduaren 11n Donibane Lohizunen hil zen, hirurogeita hamahiru urte zituela. -------------------------------- Bere ideologia errepublikar eta liberalak adiskide franko eman bazion ere, etsai handiak ere sortu zizkion, eta hauek dira, neurri handi batean, Gilbeau doktoreari oztopo ezarri ziotenak, bai politikan eta bai euskalgintzan. Ainitzek ez zioten nehoiz barkatu Donibane Lohizuneko eskoletan egin zuena, hau da, eskola publiko eta laikoa bultzatzea. Euskaldun kontserbadoreek, karlisten aldeko hautetsi eta euskaltzaleek begitan zuten, eta garesti ordainarazi zioten auzapez garaian egindakoak. Donibane Lohizunen badu karrika bat bere izenarekin, baina Urruñan, bere sorterrian, guztiz ezezaguna da. Hurrengo urteetan Urruñak kitatu beharko luke Martin Gilbeau Oiartzabal euskaltzale handiarekin duen zorra. Hala bedi. 4.- Erabilitako bibliografia.- - Piarres Xarritton.- Auñamendi Eusko Entziklopedia. - www.armiarma.com - Wikipedia, entziklopedia askea. Buka dezagun Martin Gilbeauk idatzi Adios ene maiteari bertso ederrekin: 1 Adio, nere izarra! Adio, maite bakharra! Zu orai uztia bethiko, Iduritzen zait hiltzia, Neke da bainan sekulako, Adio, nere maitia!... 2 Aingeru zortheatua! Izar benedikatua! Zu zaitut nik behin bethiko Egun batez adoratu; Ene bihotzetik kentzeko, Sobera zaitut maitatu. 3 Zure gorphutz dohatuak, Begitarte amultsuak, Ene bihotza du ondikotz! Bere xarmez liluratu, Dohakabea sekulakotz, Zugatik naiz enganatu! 4 Amodioak nau galdu, Sobera zaitut maitatu, Ez naiz zu gabe ez ni luzaz Mundu hunetan biziko. Zure eskasak laster penaz Bizia deraut kenduko. 5 Zu gatik lili ederra, Ixurtzen dizut nigarra, Halarik ere progetxurik, Ez dut hainitz esperantza, Neretzat ez da zorionik. Hau da bada zorthe latza! 6 Oi zorthe dohakabea! Bihotz-min pare gabea, Ez othe da bada lastima, Izar bat hola galtzea, Orhoitzapen horrek nerama, Mundutik, nere maitea! 7 Zerua eder denean Trixterik nago etxean! Zer dudan zugatik sofritzen, Oi, maitea, bazinaki! Ez banauzu ere maitatzen, Pena zinduke segurki. 8 Oi, lili xarmagarria! Neke zait zure uztia, Mundu huntan zure pareko Ez dut nik nihon aurkitzen, Ez du segur ederragorik Ez iduzkiak argitzen. 9 Adios, beraz, maitea! Izar parerik gabea, Adios, beraz sekulako! Zeruetako amea, Ene bihotza zuretako, Adios nere maitea! IPARRA-HEGOA. EUSKAL HERRIA ERAIKIZ Iparra-Hegoa aldarriaren gibelean Urruñako eta Segurako hainbat gizon-emakumeren abentura daukagu, duela hogei bat urte Elizondoko Baztandarren Biltzarrean euskal kantuaren inguruan topatu ziren urruñar eta segurarren abentura eder eta emankorra. Euskal kantuaren inguruan elkar ezagutu zuten haiek orduz geroztik Iparralde eta Hegoaldeko euskaldunak bere baitan, elkarrekin, eta elkar lanean uztartu dituen elkarte entzutetsua sortu zuten. Sasi-mugaren alde bateko zein besteko anaiaarreben arteko ezagutza sakontzea zuten helburu, bitan banatzen gaituen muga inposatu hori gainditu eta herri gisa lan egitea zuten xede. Eta ordutik, urtez urte, elkarrekin lan eginez aritu dira, umiltasunez, jatortasunez eta euskaraz, euskara baita euskaldun guztiok bere baitan elkartzen gaituena. Iparra-Hegoa hasiera batean amets izan zen, baina laster amets izatetik nahikari eder baten sehaska izatera igaro zen. Nahikari hori, urtez urte eta arno onaren gisa, ondu zaigu. Panpi Saint-Marie laborari baxenafarrak, Iparaldeko eta Hegoaldeko euskaldunen batasuna idurikatu nahian, gereziondo gazte bat landatu zuen Seguran. Orduz geroztik gereziondo hori izan da Iparra-Hegoa jardunaldien ikur bizia. Gereziondoa ere hazi zaigu, urruñarren eta segurarren nahikariaren neurri berean, eta duela hemeretzi urte kimu gaztea zena gaur zuhaitz mardula dugu, urtez urte udaberrian loratzen zaiguna. Aurten, egitasmoa, sehaska aspaldian utzirik, heldutasunera iritsi zaigu, gereziondoaren antzera. Elkarte honek bi zutabe nagusi ditu, bata Seguran eta bestea Urruñan, baina, bi zutabe nagusi horiez gain, aspaldi onartu eta erakarri ditu bere baitara zazpi euskal herrietako senideak, baita diasporakoak ere; eta gaur, Iparra-Hegoa euskal nazioaren ezinbesteko erreferentzia bilakatu zaigu. Enbor sendo ederretik ardaxka mardulak sortu dira: alde batetik Lapurdiko ikastolen aldeko ekitaldi eta Euskal Herriko Mus Txapelketa ospetsua bestetik. Aurten elkartearen hemeretzigarren urteurrena bete dute, eta martxoaren 31tik apirilaren 6ra era guztietako ekitaldiz beteriko jardunaldia burutu dute. Ekitaldi ugari horien artean aipatzekoak ditugu zazpi Euskal Herrietatik Segurara joandako gazteen topaketak, haur eta gazteendako jokoak, haurrendako ikuskizunak, kantaldiak, kontzertuak, merkatua, mendi irteera, Euskal Herriko arnoen dastatzea, sukalki edo gisatu txapelketa, hitzaldiak, herri bazkaria, txakolin dastatzea, euskal dantzariak, mutxikoak… Baina bereziena, maitatuena, zalantzarik gabe, gereziondoko ekitaldia izan da, urtero izaten den bezala. Ekitaldi hau apirilaren 6an egin zuten, eguerdiko ordu bietan, Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura idurikatzeko asmoz. Bertan Panpi Saint-Marie eta Lierni Elortza mintzatu ziren elkartearen izenean eta Sehaskako Hur Gorostiaga zuzendaria ondoren, aurtengo gonbidatu gisa. Gorostiagak Iparraldeko ikastolen egoera kezkagarria ekarri zuen denon gogora eta irtenbide gisa, euskaldun guztion elkartasuna eskatu. Ondoren, Iruñeko Muthiko Alaiak peñako dantzariek agurra dantzatu zuten gereziondoaren aitzinean, eta jarraian beste dantza zenbait. Ekitaldia amaitzean anaia-arreben arteko herri bazkariaren tenorea izan zen, eta baita Euskal Herriko edozein bazterretan horrelakoetan ohikoak diren solasak, kantuak eta dantzak ere. Iluntzean mutxikoak edo dantza-jauziak izan ziren. Zortziak irian, Iparraldera ekarri behar gintuen autobusera igo ginen. Alabaina, denok ulertu genuen hura ez zela bukaera, ziklo berri baten hastapena baizik, urruñarrek eta segurarrek, eta orokorrean, Seguran urtero biltzen garen Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldun guztiok aurrerantzean ere proiektuarekin jarraitzeko asmo irmoa baitaukagu, gure mintzaira eta gure kultura landuz eta indartuz, Euskal Herria eraikiz, euskal nortasuna errotuz eta finkatuz, eta nola ez, askatasunezko etorkizunera garamatzan bidea eginez eta zabalduz. Niri, bukaera gisa, Mixel Labegerie kantari handiaren “Parisen eta Madrilen” abesti gogoangarriaren azken kobla datorkit burura: Gau luze-luzearena, orain badator azkena, euskal anaien artean da maitasuna. Gazteek egiten badute elgarrekin batasuna, orduan laster datorke askatasuna. NAFARROAREN EGUNA. ASKATASUNAREN AITZINDARI Apirilaren 27an, igandearekin, eta urtero bezala, Nafarroaren Eguna kari, Baigorrira hurbildu nintzen hainbat adiskiderekin. Eguraldi nahasia bazen ere, eta gaueko euri petrala gogoan izanki, iduzkia tarteka agertzen hasi zen hodei beltzen artean. Baten bati iduzkiak eutsiko ziola erraiten entzun nion, eta aitortu behar dut horrela izan zela. Hotza, xirimiria, elur bustia…, denetik egin zuen, baina azkenean, zerua ateri izan zen, eta programatutako ekitaldi guztiak burutu ahal izan zituzten. Hamaiketan kabalkada hasi zen eta euskal ikurrinaz eta nafar bandera zaharraz apainduriko herriko etxetik abiaturik, eliza ondoko plazaraino iritsi zen. Musikariek, dantzariek, makilariek, txarangek, Anhauzeko joaldun bereziek, banderariek… osatzen zuten kabalkada eder hura. Ezker paretara iristean, Karmele, Koldobike eta Gotzoneren irrintzinek eta Lakaren bertsoek ongi etorri beroa eman zieten bertara hurbiltzen ari ziren guztiei. Gero, jarraian, ohiko dantza eta kantu saio ederraren txanda izan zen, eta amaitzeko betiko dantza jauziak eta larrain dantza. Han ibili ginen adin eta jatorri guztietako zahar eta gazteak jo ta ke dantzari estekaturik. Ondoren, presoen aldeko manifestazioak herria zeharkatu zuen, baina orain aurkako norabidean, eliza ondoko plazatik herriko etxearen aitzineko plazaraino, alegia. Xapito edo aterbe erraldoiaren azpiko bazkaria beti bezain goxo eta alaia iduritu zitzaidan. Zazpi euskal herrietatik joandako euskaldunek mahai luzeen inguruko jarlekuak betetzen zituzten, anaia-arreben arteko giro ezin hobean. Euskal kantuak airoski entzun ziren, behin eta berriz, eta bazkaltiar ugari, platera mahaian utzirik, altxatu eta fandangoetan aritu ziren dantzari. Erramun Matikorenaren kantuek giroa arrunt berotu zuten, baita Kuxkuxtu txarangak abestutakoek ere. Mixel Bizkaik Jean Mixel Bedaxagarren “Nafarroa” izeneko jota kantatu zuelarik, jendetza erabat isildu zen, eta gero, amaitu zuenean, isiltasunak txalo zaparrada bati eman zion lekukoa. Arratsaldeko bostetan dantzariak pilota plazan aritu ziren sekulako ikusgarria emanez, eta hori finitzean, seiak irian, denendako jauzien tenorea izan zen. Hura giroa Baigorrin piztu zena! Airean betiko kezkak, betiko arrangurak mintzagai: presoen egoera, bake prozesuaren aldebakartasuna, euskararen zapalketa, espainiar eta frantses estatuen etengabeko erasoak… Haatik, bazen itxaropena Baigorrira hurbildutakoen bihotzetan, baita Basaizea elkarte antolatzailearen azalpenetan ere. Baigorrin bazen biziraun nahi duen Euskal Herriaren ordezkapen zabala eta askatasuna, independentzia irabazi nahi duen euskal nazioaren sentimendu ozena arnas egin zitekeen. Urrun dira erresistentziako urteak, urrun dira potentzia kolonialen harrokeria, euskaldun tristeen morrontza eta ukazioa. Gazteria indarrez dator, euskaldunok ez gara gaur kolonizatzaileen ogi apurrez konformatzen. Ez da garaia autonomiaz, foru hobekuntzaz edota lurralde antolamenduaz elesta egiteko; horiek bidean baztertu behar ez ditugun arren, jadanik, ez dira aski. Iraganeko formula zaharkituak dira, inolako sinesgarritasunik eskaintzen ez digutenak. Kateak txikitzeko aroa da, euskal estatua sortzeko garaia. Eskoziak laster independentzia atzemanen du, Kataluniak gero, eta segidan Euskal Herriak. Bai, horixe guztia arnasten zen Baigorrin, inoiz baino gertuago dugun askatasun eguna igartzen zen aurtengo Nafarroaren Egunean. Gero hurbilak eman diezagun euskaldunoi gure ametsak errealitate bihurtzeko abagunea. ALIENOR PASTORALA Uda aldean, urtero, errepikatzen diren pastoralez gain, udaberri aldean edota udaren hasieran burutzen diren bestelako trajeriak ere izaten ditugu. Azken hauek, ainitzetan, baina ez beti, ohiko pastoralekin alderatuta zenbait berezitasun ukaiten dute. Horrela gertatu zen Junes CasenaveHarigilek idatzi “Jesüs” pastoralarekin, 2006ko maiatzaren 7an, Mauleko San Frantseseko ikasleek Agerria fraidetxean jokatu zutenarekin, edota Ttittika Rekaltek idatzi “Oiherkoaren trajeria” izenekoarekin. Azken hau Hebentik elkarteak bultzatu zuen eta Ahüzki mendi gainean jokatu zuten urte bereko uztailaren 8ko gau magikoan. Iaz, Mixel Etxekoparrek idatzi “Ederlezi” pastoral alternatiboa, martxoaren 24an, Gotaineko Xiru festibalaren barruan jokatu zuten. Aurten ere, ohiko zirkuitotik kanpo, Jean-Mixel Bedaxagarrek idatzitako “Alienor” izeneko trajeria etorri zaigu. Lehen emanaldia apirilaren 30ean izan zen eta bigarrena maiatzaren 4an, biak Mauleko Jaialaian jokatu zituztelarik. Ni bigarren emanaldira hurbildu nintzen. Goizeko 10,30etan euskarazko meza ederra izan zen Mauleko JondaneBatista elizan. Meza bukatzean elizatik jai-alairainoko kabalkada alaia egin zuten eta arratsaldeko 3etan, puntu-puntuan, hasiera eman zioten pastoralaren emanaldiari. Nik ez dakit zuzen zergatik, aitzin-iritziek eraginda ziur aski, formatu ttipiko pastorala itxaro nuen eta ustekabe atsegin handia hartu nuen hogeita zazpi jelkaldiz osaturiko pastoral oso bat zela ikusi ahal izan nuenean. Süjeta emaztea, Akitaniako dukesa izandako Alienor handia, hasieran Frantziako erregina eta gerora Ingalaterrako erregina izatera iritsi zena. Sophie Xütahandik izugarri ongi jokatu zuen. Jean-Mixel Bedaxagar pastoral-idazlea izateaz gain errejenta ere izan zen, eta hagitz ongi burutu zuen bere lana. Arizale guztiak emazteak ziren, hogei bat osora, eta maila handia erakutsi zuten emanaldia osoan zehar. Ohiko orkestraren lekuan hiru soinugile: Jean-Mixel Bedaxagar bera, Mixel Etxekopar eta Jean-Charles Sans. Xirula eta ttunttuna, besterik ez, baina ozen eta egoki entzun zirenak. Baina emazte-pastorala izan arren, gizonak ere izan ziren tartean. Satan dantzetan lau mutil aritu ziren, finak eta bikainak lau-lauak. 27. jelkaldian, Alienorren heriotz-kantorearen ondoren, eta lau satanekin batera, zortzi dantzari igo ziren oholtzara. Zortziak gizonezko helduak ziren. Muñeiñak dantzatu zituztelarik harmailak betetzen zituzten entzun-ikusleen zirrara eta txaloaldi luzea bereganatu zituzten. Bedaxagarrek, berriz ere, argi erakutsi zuen talentu eta maila handiko artista dela, bai musikari gisa eta bai pastoral-egile eta errejenta gisa ere. Alienor kalitate handiko pastorala izan da, bihotzak eta gogoak pizten dakien horietakoa, eta horrela ulertu genuen Mauleko Jai-alaira hurbildu ginen guztiok. Zorion beroa, beraz, Bedaxagarri eta pastoral horretan parte hartu zuten guzti-guztiei, denen artean maila handiko espektakulua eskaini baitziguten. Eta hau Bedaxagarren eskutik gozatu ahal izanen dugun azken pastorala izanen ez delakoan nago. Alienor ez da Bedaxagar kapitainaren azken portua izango, abentura berri eta aberatsetara menturatuko den abiapuntua baizik. 2014. urtea pastoralez eta ikusgarriz mukuru datorkigu. Alienor trajeriaz gain bi pastoral gehiago izango baititugu. Lehena Itxaro Bordak idatzi “Gerezien denbora” Baionan, ekainaren 29an, jokatuko dena; eta bigarrena Pier-Pol Berzaitzek idatzi “Betti bühamea” izenekoa, uztailaren 27an eta agorrilaren 3an, Garindaine herriak jokatuko duena. Hiru hautu ezberdin, zalantzarik gabe, baina egileen balioa ezaguturik, arrakasta bermatuta dutenak. Haatik, ez da hiru pastoral horiekin aurten Iparraldean ikusi, entzun eta gozatu ahal izanen dugun kultur uzta amaitzen, Azkainek ikusgarri bat prestatu baitu Roger Idiart izan zen apez euskaltzaleari buruz, eta Urruñak ekainaren 7an eta 15ean, Baigorrik agorrilaren hasieran eta Lekornek irailaren hondarrean kabalkada-toberak (zintzarrotsak ere deituak) jokatuko baitituzte. Badugu, beraz, zer ikus, zer entzun eta zertaz goza. Iparraldea larrutik ari da ordaintzen frantses estatuaren ukazio sistematikoa, baina, hala eta guztiz ere, Herri honek badaki bideak xerkatzen, zubiak altxatzen eta ildo berriak urratzen, aurtengo kultur eskaintzan testigantza ezin hobea dugularik. “Mugitzen den harrian goroldiorik ez” dio atsotitz zaharrak, eta horixe da Lapurdin, Baxenafarroan eta Xiberoan gertatzen ari dena. Horrela aritzen den Herriak ezin du geroaren erronka galdu. Gaurko haziak biharko uzta ekarriko du, dudarik gabe. URRUÑAKO KABALKADAZINTZARROTSA Betidanik ezagutu dut urruñarren artean tobera bat egiteko gogoa. Ainitzen ahotik entzuna nuen tobera bat egin beharra zegoela, iraganean egiten ziren bezalaxe. Haatik, nehork ez zuen nahi izatetik egitera beharrezkoa den urratsa ematen. 2012ko uztailaren 8an, Nafarroa Behereko Irisarri herrian sekulako kabalkada-tobera eman zuten eta ainitz izan ginen Urruñatik aipaturiko herrira toberaz gozatzera joan ginenok. Huraxe izan zen, ene idurikoz, eskas genuen pizgailua. 1.- Antolatze lehen urratsak.- Uztailaren erdi aldean hizketan hasi ginen, bero-bero eginda, eta Berttoli eta Hazia elkarteetako hainbat jendek hori aitzina eraman behar zela deliberatu zuten. Uztailaren bukaera alderako lehen batzarrak izan ziren eta batzar horietatik talde eragile bat sortu zen. Hastapenetatik koordinatzaile edo arduradun nagusiak Xerar Urrutia Berttoli elkartekoa eta Zelin Duperou Hazia elkartekoa izan ziren. Agorrilaren lehen astean proiektua aurkeztu zen Urruñako elkarte guztien aitzinean, eta ondoren prentsaurreko bat antolatu zen euskal hedabideek urruñarren proiektuaren berri ukan zezaten. Berehala Urruñako herritarrak proiektura hurbiltzen hasi ziren eta horrela zenbait komisio edo batzorde sortu zituzten: tobera idaztekoa, aktoreak xerkatzekoa, musikariak, dantzariak, jostunak, propagandaz eta zabalkundeaz aritu behar zirenak, sosak bilatu behar zituztenak,… eta abar. Agorrilaren 19an, Itsasuk bere kabalkada-tobera eman zuen, eta bertara Urruñako proiektuan zebiltzan hainbat lagun hurbildu ziren. Xerar Urrutiak harremanak finkatu zituen itsasuiarrekin eta hortik aurrera informazioa bilatzeari ekin genion. Irailean eta urrian hainbat bilkura egin genuen toberen munduan dabilen zenbait jenderekin. Horrela, idazle, ikerlari eta aditu handia den Xabier Itzainak era guztietako informazioa eman zigun, baita Itsasuk jokatu dituen azken toberak maisukiro idatzi dituen Beñat Lazkanok ere. Informazio nahikoa jaso ondoren, egiteari ekin genion. Urte bukaera aldera, Xerar Urrutia eta biok tobera idazten hasi ginen. Handik bizpahiru hilabetetara Pantzo Hirigarai tobera-idazle baigorriarri gure zintzarrotsarren lehen zirriborroa eman genion ikustera, zuzendu eta aberastu zezan. Komisio guztiak ere ordurako lanean hasita ziren, bakoitza bere arloan, eta horrela hasi ginen lehen antzerki errepikak, musikarien bilerak, dantzari saioak,… eta abar burutzen. Jadanik proiektua abian zen. 2.- Baina zer dira kabalkada eta tobera? Erdi Arotik datorren usaia da, Europa osoan zabaldurik izan dena. Garai zaharretan senar-emazteen gatazkak, alargunen arraezkontzak eta gisa horretako gaiak ziren plazan horrelako ekitaldiren bidez salatzen zituztenak. Euskal Herrian, gainerako herrietan bezalaxe, ohitura hau biziki sustraiturik zegoen. Europan gehien erabili zen izena Charivari da. Euskaldunok tokiaren araberako izenaz bataiatu genuen. Xaribari hitza ohikoa izan dugu zazpi euskal herrietan, baina horretaz gain izen ainitz erabili ditugu: Tobera-munstra, astolasterra, galarrotsa, zintzarrotsa, karrusa… Gizarte giristinoaren autozentsura modukoa zela aipa genezake, hau da, moral giristinoaren aurkako gertakizunak edota ekintzak salatzeko eta herritarren aitzinean zigortzeko balio zuten besta kutsuko sasiauziak. Barregarriak zirenez gero herri xeheak biziki maite zituen, eta gehienetan gazteak izaten ziren horrelakoak antolatzen zituztenak. Herriaren arau moralak hausten zituztenak zorretan zeudela uste zuten gainerako herritarrek, eta horregatik horrelakoak antolatzeari ekiten zioten, ainitzetan inolako gupidarik gabe. Tobera edo horrelakoetarako hautatuak zirenek jende aitzineko sasiauzi haiek saihestu zitzaketen gazteei sosak emanez edota antolatzaileak arno trago batera gonbidatuz. Fitsik ez bazuten ordaintzen egoerak okerrera jotzen zuen eta gaueko toberak antolatzen zituzten pertsona horien leiho azpian. Garrasiak, tutu edota zintzarri soinua eta horrelakoak egiten zituzten herriko guztiek horren berri ukan zezaten. Hilabete oso bat iraun zezakeen. Amaitzeko herriko plazan alegiazko epaiketa bat egiten zuten, jujea, abokatak, lekukoak eta guzi. Bertsolariek ere giroa berotzen zuten sujetari edo protagonistari buruzko bertso barregarriak kantatuz. Auziaz gain, dantzek eta kantek ere sekulako garrantzia zuten horrelako ekitalditan. Ibilaldi modukoak antolatzen zituzten sujetaren etxetik epaiketa egin behar zuten plazaraino eta bukatzean, gauza bera baina alderantziz. Sarritan zaldiak, astoak edota zalgurdiak erabiltzen zituzten. Hauek dira kabalkadak. Kabalkadetan parte hartzaileak ibiltzen ziren talde zenbaitetan banaturik: bolantak, kaskarotak, andere xuriak, zapurrak, banderariak… Tokian tokiko pertsonaiak ziren. Erdi Arotik zetorren usai edo ohitura honek Ipar Euskal Herrian Bigarren Gerla Handira arte iraun zuen. Orduko gizartea aldatua zen eta ez zuen begi onez ikusten horrelako salaketa publikoak egitea, hori dela eta, agintari zibilek debekatu egin zituzten. Azken tobera klasikoa Irisarrin 1937. urtean egin zutena jotzen bada ere, jakin badakigu, geroxeago ere zenbait tokitan gaueko toberak egin zituztela, Itsasun adibidez, Bigarren Gerla Handiaren garaian egin zuten, eta jakin dugunez aski bortitza gainera. Garazi aldean, berriz, gairik gabeko kabalkadak antolatzeari ekin zioten, eta gaur egun, oraindik ere, horrelakoak antolatzen jarraitzen dute Arnegin, Uharte-Garazin, Izpuran Luzaiden, Baigorrin… 1950. urtetik aitzina tobera berrien tenorea etorri zen, Luhuson, Makean… gaia ez zen garai bateko salaketa moral hura, alegiazko gaien inguruko epaiketa baizik. Gaia aldatua zen, baina egitura guztiak bere hartan jarraitu zuen: dantzak, kantak, bertsoak, kabalkadak, pertsonaiak… 1970. urtetik aitzina boterearen aurkako toberak antolatu zituzten. Adibidez, 1974. urtean Iholdin zegoen aintzira proiektu baten kontrako tobera antolatu zuten. Joera berri honek tobera arrapiztu eta indartu zuen. Hortik aitzina horrelako kabalkada-tobera ainitz antolatu ziren, Baigorrin 1976an, Eiheralarren 1988an, Amikuzen 1991n … Lapurdiko barnekaldean eta Baxenafarroan toberak izugarri indartu ziren, eta herri ainitzek antolatu zituzten, Itsasun (1992, 1994, 1997, 2001, 2007 eta 2012) , Lekornen (1995, 1996), Luhuson (2002)… baita auzoa den Heleta baxenafarrean ere (2003). Itsasu izan da tobera-munstra gehien egin duena, bost urtetan behin-edo egin izan duelako. 2012ko uztailean Irisarrik sekulako kabalkada eskaini zuen, bi saiotan, eta Itsasuk ere, besta kari, biziki tobera ederra eskainiko zuen urte bereko agorrilaren 18an. Toberaren arrapizte hau barnekaldean gertatzen ari zen, kostaldetik urrun. 3.- Urruñarren proiektua.- Urruñan, lehen aipatu dudan bezala, aspaldian zegoen horrelako ikusgarri bat egiteko gogoa, eta azkenean, Hazia eta Berttoli elkarteek junta edo biltzar bat egiteko deia egin zuten. Proiektua herriko kultur elkarteei azaldu zitzaien, eta jarrera ona jasotzerakoan, komisioak eta errepikak egiteari ekin genion. Urruñarren asmoa horrelako kabalkada eta epaiketa barregarri moderno bat egitea zen, Lapurdiko itsas-hegiko herrietako tradizioan oinarriturikoa. Izen bat hartzeko orduan gure zalantzak izan genituen, tobera hitza oso atxikirik ikusten baikenuen Lapurdiko barnekaldearekin eta Baxenafarroarekin, hori dela eta Lapurdiko kostaldean garai zaharretan erabili izan zen zintzarrotsa hitza hautatu genuen. Zehazki ez dakigu noiz izan zen gure herriak egin zuen azkena, baina badirudi kostaldean azkenak XIX. mendean egin zirela. Haatik, aipatu behar dugu 1949. urtean Lekorneko herritarrek jokatutako tobera ikusi ahal izan zela Urruñan, eta gaur egun oraindik bizirik ditugun lekukoek baieztatu digutenez, badirudi garai hartan biziki ikusgarri entzutetsua izan zela urruñarren artean. Urruñako kabalkada-zintzarrotsa hastapenetatik proiektu aberatsa eta anitza izan zen. Oso helburu argiak zituen: 1.- Kabalkada-zintzarrotsa zaharrak berpiztea Urruñako euskal kultura indartzeko. 2.- Proiektua euskararen inguruan gauzatu, garbi ikusten baikenuen euskara dela gure kulturaren eta nortasunaren ardatz nagusia. 3.- Urruñarren arteko lagunartea eta herri giroa suspertzea. 4.- Euskal kulturaren eta euskararen transmisioan parte hartzea, gure arbasoengandik jasoz eta belaunaldi berriei pasaraziz. 5.- Bai kabalkada eta bai zintzarrotsa Lapurdiko tradizioan finkatzea, bai auziaren hizkeran, bai jantzietan, bai pertsonaietan eta baita kantu, dantza eta bertsoetan ere. 6.- Libertimendua eta besta giroa herrian zabaltzea. 4.- Proiektuaren garatze eta burutzea.- 2014ko maiatzaren hondarrean eta ekainaren hasieran euskal hedabideetan zabalkunde handia izan zuten errepika nagusiak burutu genituen. Dena prest zegoen, urruñarrak aiduru eta Iparraldeko euskaldunen artean ikusmin handia zegoen. Tobera bat Lapurdiko kostaldean egitea aspalditik ezagutzen ez zen kontua baitzen. Negu luze, hits eta euritsua pasatu ondoren, ekaineko lehen astean eguzkia agertu zen Lapurdin eta Euskal Herri osoan. Bazirudien eguraldi ederra ukan behar genuela, baina lehen emanaldiaren bezperan, hau da, ekainaren 6an, bero sapa egin zuen, eguna pittaka-pittaka usteltzen joan zen, arratsaldeko 5ak aldera lehen hodei beltzak azaldu ziren, geroxeago zerua arras ilundu zen eta arratseko 8ak aldera, alimaleko ekaitza bota zuen, kazkabarra eta guzti. Hori ikusirik, izugarri izutu ginen, euria eginez gero ez baikenuen leku estalirik gure ikusgarria burutu ahal izateko. Herriko Etxeak Iturbidea kiroldegi estalia utzia zuen kirol arloko ekitaldi baterako. Beraz, hurrengo egunean, horrelako ekaitza botako balu dena bertan behera uzteko beharrean egonen ginateke. Gau hura ez zen goxoa izan guretzat. Azkenean, ekainaren 7a iritsi zen eta harekin batera, eguzki ederederra. Horixe zen behar genuena. Lehen emanaldia arratseko 8,30etan hastekoa bazen ere, bertan parte hartzen genuenok, 160 bat inguru, eguerdiko ordu biak eta erditan bildu ginen errepika oso-oso bat egiteko. Errepika 5ak aldera bukatu genuen, eta atsedenaldi ttikia hartu ondoren, 6,30etarako denok dutxatuta, indarberrituta eta ikusgarrirako jantzita ginen. 7,30etan kiroldegitik abiatu eta hilerri gibeletik Sokorrirako bidean den aparkalekura joan ginen ilara luzea eginez. Gero, aparkaleku horretan egon ginen zain 8,15 arte. Une zehatz horretan Zelinek eta Xerarrek abiatzeko agindua eman ziguten. Gure kabalkada hasia zen. Aitzinetik zaldizkoak zihoazen, andere xuriak eta gizonezkoak, sei osora. Gero makilaria, Urruñako bandera eta Urruñako Zintzarrotsarena zeramatzaten banderariak, ezpataz armaturiko zaindariak, kaskarotak, herritarrak, musikariak, jendarmak txirringaz, zirtzilak… eta bukaeran jaun jujea, jaun abokata jaun usiera eta jaun apeza zeramatzan zalgurdi handi ederra. Jantziak ederrak eta koloretsuak ziren, Arantxa Duperouk zuzenduriko jostun taldeak bi urte hauetan egindako alimaleko lanaren erakusgarri. Herriko Etxetik pilota-plazaraino kaskarot martxaren aireaz dantzatuz joan ginen. Pilota-plazara iristean, harmailak jendez mukuru ikusi genituen eta poz horrek indar berriak eman zizkigun aitzina egiteko. Pilota-plazan itzuli bat egin genuen kaskarot martxaren doinuaz dantzatuz. Epai-mahaia frontisaren azpian jarririk zegoen, eta haren gibelean zegoen oholtzan musikariak, hogei bat osora, kokatu ziren. Frontisa euskal ikurrin erraldoi batez estalirik zegoen eta epai-mahaiaren aurrealdea Euskal Herriko zazpi lurraldeen ikurrez apainduta. Publikoa zutik eta txaloka. Zintzarrotsari hasiera emateko momentua zen. 5.- Zintzarrotsaren egitura eta beste kontu zenbait.- Urruñak eskaini zuen zintzarrotsa edo toberak lau gertaldi zituen, horrelakoetan ohikoa izaten den bezala. Lehen gertaldian Lapurdi osoa, Baionatik Biriaturaino, harrotu eta hondatu behar duen Abiadura Haundiko Treinaren afera aipatu zen. Bigarrenean euskarak Urruñan jasan duen bazterketa ofiziala eta ondorioz izan duen gibelatzea. Honekin batera, Iparraldeak behar duen egitura berezia edo autonomia ere aipatu zelarik. Hirugarren gertaldian Urruñan izan diren zenbait kontu aipatu ziren: Santa Flor edo Florenia izeneko lili-parkea kudeatzeko garatu zuten udal proiektuaren porrota, barazki kontserbak egin behar zituen Conserveur 21 enpresaren eskrokeria edo iruzurra, herriko plazaren etengabeko eraberritzea, Berttoli elkartea sortu zelarik ipini zizkioten trabak eta eragozpenak, eta bukatzeko herrian gaztetxe bat atzemateko bertako gazteek egin saiakerak eta abenturak. Laugarren gertaldian jaun jujeak hartutako deliberoen berri eman zuen: 1.- AHT-rik ez, alternatiba treinbide zaharraren zabaltzea delarik, Lapurdiko gizarte zabalak, behin eta berriz, galdatu duen bezala. 2.- Proiektu salbatzaile eta iruzurgilerik ez. 3.- Euskara ofiziala izan dadila Urruñan eta Iparralde osoan. Iparralderako egitura administratibo berezia. 4.- Berttoli elkarteak bere kultur ekintzak antolatzen jarrai dezala. 5.- Gaztetxea egin dadila. Aktoreek ahal izan zuten guztia eman zuten, batzuetan ongi, besteetan ez horren ongi, baina beti umore handiaz eta bihotz-bihotzez zintzarrotsari eta publikoari emanak. Hor ibili ziren Jaun Jujea bere soineko gorriaz, beltzez jantziriko Jaun Abokata, bandera frantsesaren koloreez apainduriko xingola handia zeraman Jaun Usier gaiztotxo eta kokina, euskal kapeluaz jantziriko Ttotte Mendigaine jaun laboraria, biletak ezker-eskuin banatzen zebilen Sakelbero jaun bankiera, Fifin herritar andere zuhurra eta euskaltzalea, takoin handiak oinetan eta frantses ederra ezpainetan zerabilzkien Ukatzaile Anderea, Jaun Frantximanta, Larregorri jauna, begitartea mantelina beltzaz estaltzen zuen Marikutzu amatxi zahar eta kontakatilua, begilagun beltz handiez aurpegia estaltzen zuen Lekuko Anonimoa, gaztetxea eskatzen zuen minigonaz jantziriko Andere Gazte pinpirina… eta baita etengabeko kalapitetan aritzen ziren jendarmak eta zirtzil basa eta bihurriak ere. Azken horien arteko kalapitek barre handiak sortarazi zituzten publikoaren artean. Jaun Usiearen eta Jaun Jujearen arteko iskanbilak eta liskarrak etengabe errepikatu ziren lau gertaldietan zehar, eta bukaera aldean, azken delibero gisa, Jaun Jujeak usiera kalitzea agindu zuen, eta zaindariek ezpataz hil zuten, tobera guztietan, modu batean edo bestean, egiten den bezalaxe. Aipatzekoak dira, nola ez, gertaldien artean izan ziren kantu, bertso eta dantza gogoangarriak. Oholtzara igo zen beltzez jantzitako abeslari multzo handi batek honako kantuak abestu zituen: Xalbardiren fandango kantatua, Eltzegor taldeak Herri Urratserako egin zuen abesti ederra eta F. San Josek eta Joxemari Ostolazak egin Ai Santa Flor alai eta salatzailea. Dantzak izugarri ederrak izan ziren eta dantzariak gogotik aritu ziren sekulako besta koloretsua sortuz. Lehen gertaldian Patrick Larraldek egin Urruñarrak dantza-jauzia, Ahurtiko makil-dantza eta Xalbardinen fandango kantatua. Hirugarren gertaldiaren amaieran Freed Iturrik egin Jone kadrila dantzatu genuen eta ondoren egile urruñar beraren Jone mazurka dotorea. Bertsolariak Sustrai Colina eta Odei Barroso urruñar ospetsuak izan ziren, hiru alditan saio bikainak eskainiz aritu zirenak. Publikoaren arreta, miresmena eta ongi merezitako txaloaldi beroak jaso zituzten. Jaun Usiera kalitu zutelarik, zaldizkoak, berriz ere, pilota-plazara sartu ziren eta parte hartutako guztiok pilota-plazari itzulia eman genion kabalkada eginez eta kaskarot martxaren aireaz dantzatuz. Jaun Usiera orgatila batean zeramaten eta ustekabean berpizten hasi zen bi eskuez txalotzen zuen publikoa agurtuz. Usieraren arrapiztea tobera guztietako kontua da, eta hurrengo tobera bati zabaltzen omen dio bidea. Itzulia egin ondoren, denok oholtzaren aitzinean bildu ginen. Momentu horretan musikariak Jakes Etxeberriaren himno solemne eta ederra jotzen hasi ziren. Zelin Duperou arduradunak, kaskarotaz jantzirik, zintzarrotsaren bandera eman zion neskatxa gazte bati, denon gogoan dagoen transmisioaren itxaropena azaldu nahian. Hori bukatutakoan, Xerar Urrutiak eskerrak eman zituen eta publikoak txaloaldi luze batez eskertu zuen. Gero, denok, publikoak barne, Ttipi urruñarrak XIX. mendean egin bertsoak (Dama gazte xarmant bat) abestu genituen. Huraxe izan zen amaiera. Ekainaren 7ko gau hura magikoa izan zen urruñarrentzat. Gero pilota-plazako gibeleko izkinan ezarritako kantinan aritu ginen denok afaltzen, edaten eta kantatzen oso berandu arte. 6.- Amaiera gisa.- Ekainaren 15an, eguzkia Urruñara itzuli zen eta berarekin batera, gure kabalkada-zintzarrotsaren bigarren emanaldia ere. Publikoak harmailak bete zituen eta txalo handiz eskertu zuen gure lana. Beste herrietatik etorritakoak joatean, bertan urruñarrak gelditu ginen, pozik, alegerak, denok euskal kantuaren inguruan goxo bildurik. Urruñak bere zintzarrotsa emana zuen eta urruñarren artean lagunarte eta herri giro ezin hobea sortu da. Zer gehiago eska daiteke? Eta ikusgarri hau elkarrekin egin dugun azken ekitaldia izanen ez delakoan gaude. Zaharrak eta gazteak, emazteak eta gizonak…. ber abenturan, elkarrekin, lan egiteko gauza garela erakutsi dugu. Horixe da Urruñan sentitzen duguna, eta jakin badakigu, horrela jarraitzekotan, fruitu berriak etorriko direla. Bai, urruñarrok kabalkada-zintzarrotsaren kari, lan eta jolas egin dugu elkarrekin; tripulazio edo eskifai baten antzera funtzionatu dugu abentura kolektibo luze eta emankor honetan. Bihoazkie, modu batean edo bestean, ikusgarri eder honetan parte hartu duten guzti-guztiei, nire adiskidetasun eta agur beroa. Ez ditut ahantzi nahi abentura horretan kapitain ibili diren Zelin Duperou eta Xerar Urrutia, beraiei esker, urruñarrez osatutako tripulazioak eraman ahal izan baitu kabalkada-zintzarrotsa izeneko itsasontzia portu onera. Nire esker eta sentimendu onena bientzat. Eta kronika moduko artikulu hau bukatzeko, zer egokiago kabalkada-zintzarrotsari amaiera emateko kantatu genituen Urruñako Ttipiren bertsoak baino. Horra hor: Dama gazte xarmant bat jiten zaut bixtara, iduritzen baitzeraut zeruko izarra. Ama batek hazteko, hori zerbait bada, gure salbatzaileak kontserba dezala! Trala tralara tralara, kontserba dezala! Gau on gizon gaztea, konpañiarekin, gostu du egoitiak ixtant bat zurekin. Badakizu mintzatzen errespetuarekin, Jainkoak har zitzala hil-ondoan berekin! Trala tralara tralara, hil-ondoan berekin! Ene maite pollita non ote den bizi, bazinakikeia zuk haren zerbait berri? Aspaldi ikustera joan nahia beti... errozu ene partez, milaka goraintzi. Trala tralara tralara, milaka goraintzi. Ez zinukeia hobe zuhaurrek joaitea, nitaz igorri gabe komisionea? Samurturen ote den ez zaitela fida; zato enekin eta, biak joanen gira. Trala tralara tralara, biak joanen gira. Jin ere banindaite zurekin gogotik, ez banu bihotzian deus arrangurarik, kanbiatu dela norbaitek erranik, hortako ez naiz joaiten, deus ez dut bertzerik. Trala tralara tralara, deus ez dut bertzerik. Zato enekin eta errozu berari, leheneko hitzetan dagoenez beti? Disimulatzen badu, utzazu laburzki, ni hemen izanen naiz zure zerbitzari. Trala tralara trala, zure zerbitzari. GEREZIEN DENBORA PASTORALA 2014ko uda herri ekitaldiz beteta iritsi zaigu Iparraldera. Lehena ekainaren 7an eta 15ean Urruñan jokatutako kabalkada-zintzarrotsa izan zen, eta ondoren ekainaren 29an Baionan jokatu zuten Gerezien denbora izeneko pastoral aparta. Eta izan badira gehiago, uztailaren erdi aldean Azkaingo herriak Roger Idiart euskaltzale handia izandakoaren omenezko ikusgarria aurkeztuko baitu, eta uztailaren azken igandean eta agorrilaren lehenean Pier-Pol Berzaitzen pastoralaren tenorea izanen baita. Horretaz gain, uda honetan zehar, bi tobera gehiago izanen ditugu, lehena Lekornen eta bigarrena Baigorrin. Beraz, Iparraldean ukanen dugu zer ikusi, zer ikasi, zertaz gozatu eta zertaz oroitu. Ekainaren 29an, igandearekin, Iñaki Martiartu adiskidearekin eta Edu Zabala koinatarekin Baionara abiatu nintzen Itxaro Bordak idatzi pastorala ikusteko asmoz. Goiz-goizean abiatu ginen hamarrak aldera iragarrita zituzten karrika ingurua,zintzur bustitzea eta mutxikoak ikusteko eta nola ez, baita goxoki parte hartzeko ere. Urruñatik Baionarako bidean hodei beltzek estali zuten zerua eta Lapurdiko hiriburura iristeko sekulako euri-erauntsia edo uharra bota zuen. Saint Bernard portura iritsi ginenerako garbi genuen ezinezkoa zela pastorala bertan ezarrita zituzten oholtza eta harmailetan jokatzea. Bazkariak emateko prest zuten xapitora hurbildu ginen, lurra estaltzen zuten putzu handiak inguratuz, eta barruan kantatzen ari zirela entzun genuen; pastoralean parte hartu behar zuten arizaleak ziren, euri zaparradaren azpian kantatzen. Guregana hurbildu zirenek pastorala Lauga kiroldegian jokatzekoa zela erran ziguten. Gainerako guztia bertan behera uzteko deliberoa hartu berria omen zeukaten.Beraz, autoan sartu eta Lauga aldera abiatu ginen. Lauga aldeko zubi baten azpian piknikatu genuen. Bitartean, eurijasak etengabe eta indar handiaz jarraitzen zuen. Ur gehiago zegoen Baionako karriketan Errobi eta Aturri ibaietan baino, edo guri horrela iruditu zitzaigun, bederen. Arratsaldeko 3,30etan sarrerak saltzen hasi ziren. Horiek erosi, baita pastoral-liburuxka ere, eta barrura sartu ginen. Liburuxka biziki ederra zen eta testua euskaraz gain, gaskoieraz, frantsesez eta espainolez idatzia zen. Barne goxo zabal hartan, jadanik, jendea tokia hartzen ari zen. Oholtza ohi bezala apaindurik zen. Ezkerreko horma zabalean euskal ikurrina eta eskuinean Zuberoako entseina gorri lehoiduna. Oholtzaren gibelean ohiko hiru ateak: urdina, zuria eta gorria. Gorrian zintzilikaturik pastoraletan ohikoa den deabrüa. Oihal zuriaren gainean Gerezien denbora, hau da, pastoralaren izena irakur zitekeen eta izenaren ezker-eskuin dotore jarrita: Lapurdiko eta Baionako armarriak. Oihal urdinaren aitzinean errejentaren mahaitxoa. Beraz, dena prest zegoen. 4,30etan, hasiera eman zioten pastoralari. Musikariak pastoralmartxa jotzen hasi ziren eta arizale guztiak gibeletik sartu eta oholtzara hurbildu eta igo ziren. Huraxe zen bertan bilduta ziren 2.500 entzunikusleek itxaro zuten seinalea, publikoa zutitu eta gogotik txalotu baitzituen sartu berriak ziren arizaleak. Lehen predikua Mattieu Mendizabalek abestu zuen. 1.- Arrastiri bero hontan pastoral zale orori nahi nieke bihotzez kantatu ongi etorri. 9.- Langileen historia behar dukegu kondatu. Histen direla egunak, ez dadin arren hondatu. 15.- Altzairuzko erreinuan badugu zer ikasia, etorkizunaren dantza dela burdinez hazia. Segidan lehen jelkaldia etorri zen, eta satanek ohiko dantzari ekin zioten iragarpen gaiztoak zabaltzen zituztelarik. Bost neska-mutil ziren, Zuberoatik etorritako dantzari trebe eta finak. Zubereraz mintzo ziren. Historiak aurrera jarraitu zuen, Baionako altzairutegietan lan egiten zuten langileen bizimodu gogorra eta hitsa azalduz. 4. jelkaldiaren amaieran arizaleek batera honako kobla esanguratsuaz bukatu zuten: 57.- Dinbili danba burdina uholde zaigu isurtzen, kasu egin behar dela oinetan delarik urtzen. 5. jelkaldian hainbat langile frantsesez eta gaskoieraz mintzatu ziren, beraien penak eta sufrikarioak kontatzeko. Ondoren, lehen kantaren txanda iritsi zen: Zizare pikatzaleak. Itxaro Bordaren hitzak ekarri zizkigun langileen aldarri gisa: Lurretik gatoz, lurrera goaz bidea egin ondoan, artean zenbait dotore eta kolpe harturik gogoan. Hautsetik datoz, hautsera goaz errauts daukagu bidea. mundu zaharra hautsiko dugu, aseko gosekidea. Hurrengo jelkaldietan eta langileen tristura eta nekeen artean, Itxaro Bordak amodiozko eta desamodiozko istorio irringarri bat kontatu zigun, Joan langile gaztearen eta Kattalin neska pertxentaren artekoa alegia. 11. jelkaldian, Kattalinek, Joan langilearen pobreziaz eta miseriaz asperturik, mutila utzi eta Kaskezur izeneko kontramaisu aberatsarekin ezkondu zen. 16. jelkaldian artzainak artaldea, zakurra eta astoarekin atera ziren oholtzara eta kantu bat eman ondoren, ohiko taloez gain gereziak ere jaurti zituzten publikoak betetzen zituen harmailetara.. 17. jelkaldian hirugarren güdüka izan zen eta langileek galdu zuten, oholtzako zolan bi hildako utziz. Ondoren 6. kantua etorri zen, Itxaro Bordaren hitzak eta Julen Axiariren airea zituen kantu gogorra eta tristea. Uholde beltzez bete da karrika emazte eta langile harroz, baina lehertu gaituzte harrika, tiroz bezain altzairuzko karroz. Hilik botako naute kanalera eta urean naiz ustelduko, barne poza joanen zait lanera mundu hegira dela helduko. Greba eta manifestazio baten berri ematen zuen kantua bukatu bezain laster, Maddalen eta Jean-Pierre Rekaltek egin koreografia ederra eskaini ziguten Zuberoatik etorritako dantzari trebeek. Hurrengo jelkaldian, hau da, 18.enean, pastoralari izena ematen dion Gerezien Denbora (Le temps des cerises) izeneko kantu sentikorra abestu zuten, Itxaro Bordak euskarara ekarririk. Maiatz beteko lanbro artean harrotu dira gerezitzeak arropa zuritan bazter orotan esperantzaren lili ederrak ireki dira. Maiatz beteko lanbro artean harrotu dira gerezitzeak. Xoxoa kantuz aditzen dugu gerezitzeen malde beroan maitasuna galdez, gerezi perlak gorritzen dira dabilan odol ttantta bezala. Xoxoa kantuz aditzen dugu gerezitzeen malda beroan. Maiteko dut nik amodiozko oldarra eta gerezitzeen denbora betiko, xoxoen kantak ene zauriak ez ditut nehoiz ezabatuko. Maiteko dut nik amodiozko oldarra eta gerezitzea. 20. jelkaldian Joan langileak bere moduko neska langile, pobre eta gisakoa bilatu zuen, Lili izenekoa, pastoralaren hastapenetan ukan desamodioa amodio berri bihurtuz. 160.- Batera biziko gara aberatsak izan gabe eta langile fedea bego beti gure jabe! 162.- Gosearen haurrideak eskuak hutsik gabiltza eta garai ilunetan amodioak du giltza. 21. jelkaldiarekin pastorala amaierara iritsi zen. Pastoraleko süjeta edo pertsonaia kolektiboa zen, Baionako altzairutegietan ibilitako langileak alegia. Jelkaldi honetan süjeta kolektibo hori irudikatuz Aixa emazte langile zaharraren heriotza jokatu zuten, pastoral guztietan, bukaera aldean, süjeta hiltzen baita derrigorrez. Segidan aspalditik Lapurdin bizi diren Ixabel Gorbiere eta Martine Iriart-ek zuberotarrek, ahots ozen eta ederrez, azken predikua kantatu zuten. Pastoral bikain batendako amaiera ederra. 187.- Mila esker etorririk plazerez eta saldoan, elkarrekin asmaturik mundu berri bat… agian! Segidan azken kanta: Garai ilunetako nazioartekoa izenekoa. Errepikatzen zuten leloan honela zioten: Ikara da lurra, aiduru goldea, dezagun urra hutsaren oldea. Gero Beñat Axiari errejentak eskerrak eman zizkien pastoralean parte hartu edo lagundu zuten orori, oso bereziki, Itxaro Borda pastoralidazleari. Bukatzeko arizale guztiak oholtzara ilki ziren eta denak batera Ostalersa dantza-jauzi ospetsua dantzatuz amaiera eman zioten baionarrek eskaini pastoral bikainari. Pastoral hau historiara pasatuko da hainbat gauzarengatik. Aipa ditzadan: 1.- Hauxe da, emakume batek idatzi duen lehen pastorala. 2.Euskara batu alderantz egin duen lehena eta 3.- Baionan, hiri giroan, eta baita Lapurdi osoan ere idatzi den lehena. Zuberoatik kanpo egin eta jokatu izan dira pastoralak, Biarnon eta Nafarroa Beherean, baina beti auzo herrietan, inoiz ez da Baiona bezalako hiri batean horrelakorik idatzi. Itxaro Bordak idatzi eta Beñat Axiarik zuzendu pastoral honek indar handia zuen bere mezuan, baita arizaleek erakutsitako joko, kantu eta dantzetan ere. Baionan arrakasta itzela atzeman zuen eta uztailaren 20an, Itsasun emanen duten bigarren emanaldian arrakasta bera lortuko dutelakoan nago. Zoriondu nahi ditut, beraz, idazlea, errexenta, musikariak, dantzariak arizaleak, jostunak eta gainerako guztiak pastoral hau mugarri izateaz gain paregabeko maisulana izan delako. Ene idurikoz, pastoralen historian urrezko letretan idatzirik oroituko den pastoral hau ez da Itxaro Bordak idatziko duen azkena izanen. Geroak erranen. Oharrak [←1] Dematza: Ematen ditu, modu trinkoan. [←2] Alkateturik: Alkate bihurturik. [←3] Urkagai: Atsekabea. [←4] Asturugaitz: Miserablea. Zitala. [←5] Hora: Zakurra. [←6] Axeterra: Sendagilea. [←7] Nahi dituka? : Nahi al dituk? [←8] Begiti: Begibakarra. [←9] Erroango: Rouen hirikoa. [←10] Darraizkionak: Jarraitzen dizkionak modu trinkoan. [←11] Ez aguke: Ez hau ezagutuko modu trinkoan. [←12] Deragotza: Eragozten ditu modu trinkoan. [←13] Haragai: Hara joateko gogoa. [←14] Ardita: Neurri zaharra. [←15] Dukata: Garai bateko txanpon edo sosa. [←16] Iro: Irusa, pozik. [←17] Dakarke: Ekarriko du modu trinkoan. [←18] Ez demala: Ez duela ematen modu trinkoan. [←19] Nafarroako goiz gorriak zamarra bustiko dizu. [←20] Gaztelako arrats gorriak saihetsa berotuko dizu. [←21] Ilinti: Sua bizitzeko erabiltzen den egur zati erdi errea. [←22] Ankora: Aingura. [←23] Itsasturia: Itsasgizona. [←24] Axeta: Platera.
booktegi.eus HITZAURREA Huberten hubrisa Hubris hitz greziarra da, eta honako hau esan nahi du: muturreko harropuzkeria, edo batek bere buruarengan duen gehiegizkoa eta, ondorioz, arriskutsua den konfiantza. Kontzeptua azaltzeko, Ikaroren eroraldia kontatzen da askotan. Kretan preso, Dedalok hegal bereziak asmatu, eta lumez eta argizariz osatu zituen, berak eta Ikaro semeak uhartetik ihes ahal izateko. Aireratu baino lehen, semeari agindu zion itsasotik oso hurbil hegan ez egiteko (urak lumak bustiko zituzkeen eta), ezta eguzkitik oso hurbil ere (beroak argizaria urtuko baitzukeen). Ihesaldian abiatu eta Samos uhartea atzean utzi ondoren, aitaren hitzez ahaztu zen Ikaro. Ausart, ausartegi, gora joan zen, eguzkirantz gehiegi hurbildu, eta Dedaloren beldurra errealitate bihurtu zen: eguzkiaren beroak hegalen argizaria urtu zuen; semea itsasora erori, eta hantxe hil zen. Hubrisek bultzatuta, bada, hil zen. Benetako gertaeratara etorrita (Dedaloren eta Ikaroren istorioa istorioa da, azken batean), eskuetan dugun kontakizunean ere, Hubert Le Blon-en Azken Hegaldia honetan, hubris susma dezakegu. Gainera, egileak –Koldo Almandozek– espresuki aipatzen du Ikaro istorioaren bukaeran. Ez dut filma ikusi ez duzuenen plazera oztopatu nahi; beraz, ez dizuet kontatuko zer gertatzen den, baina protagonistaren izena defendatu egin nahi dut. Pelikulari hartu diodan itxura baino ez da, baina iruditzen zait Hubert Le Blonen hubrisek ez zuela harropuzkeria oinarri, maitasuna baizik: egiten zuena maite zuen, eta zirrara hori beste guztiekin partekatu nahi zuen. Gainera, filmaren bitartez, aukera guztiok dugu zirrara hori partekatzeko. *** Gaur egun, arrunta iruditzen zaigu gizakiok hegan egitea. Baina, mendeetan zehar, duela hamarkada gutxi arte, fantasia baino ez zen. Ingalaterrako monje bat hegan egiten saiatu zen hamaikagarren mendean, baina, ehun yardako bidaia egin ondoren, lurrak hankak apurtu zizkion. Duela hamarkada gutxi arte, gizakiok hegan egitea txerriek airetan ibiltzea bezain ezinezkoa izango zen. Historian zehar gizakiok hegan egitea zein bitxia izango zatekeen kontuan hartuta, imajina dezakegu Donostian Hubert Le Blonen hegaldiek zer-nolako miresmena eta zirrara sortu zituzten. Koldo Almandozen filmak lilura hori sentitarazten digu. Zuzendariak hainbat osagai uztartu ditu: artxiboko zuri-beltzezko argazkiak; Isabel Herguera-ren animazioa; Kristiane Etxaluzen lokuzioa. Eta, talde teknikoaren lanari esker, osotasun ederra sortu du filmean. Pelikula ikusi duzuenontzat, liburuxka hau oroigarria izan dadila; ikusi ez duzuentzat, gonbidapena La Blon jaunaren omenaldi ederra ikus dezazuela. Aritz Branton Donostian, 2017ko urtarrilan GIDOIA SEKUENTZIA 1 ANIMAZIOA Itsasoa. Ur azalean gaude. Betazal kliska artean irudia agertu eta desagertu egiten da. Arnas hasperen motel bat entzuten dugu. Urrutian, hondartza bat, harkaitzak eta belardi baten gainkaldean jauregi bat. ARTXIBOA Jaioberri bat. Bibotedun aita zoriontsu bat. Emakume nekatu eta irrifartsua. Haurra bularra hartzen. Haurra gurasoen besoetan. Haurra seaskan lotan. Off AHOTSA: 1874. urteko Martxoak 21an Frantziako Liancourt herrian haur bat jaio zen. Beste edozein haurraren modukoa den haur bat. Beste edozein aita eta amaren modukoak diren aita eta amaren seme izango dena. Hubert izena jarriko diote. SEKUENTZIA 2 ANIMAZIOA Airean goaz. Hodeiak gurutzatzen ditugu. Ezker eta eskubitik pasatzen zaizkigu. Helize bat bueltaka. Hegazkin pilotu bat bere bizkarretik ikusten dugu. Kabina ireki bat da, monoplano zahar batena. ARTXIBOA Haur bat laku baten hertzean jolasten. Burruntzi baten atzetik dabil. Burruntzia belarretan gelditzen denean hari begira geratzen da. Bere atzetik dagoen bidean, idi pare batek gurdi bati tiratzen diote. Haurrak bide bazterrean dagoen bizikleta hartu eta ziztu bizian eta sigi-saga eginez bidean behera aldendu egiten da. Off AHOTSA: Beste edozein haur baten moduakoa den haurrak, haurrak egiten dituzten gauzak egiten ditu. Haur honi, Hubert-i, bereziki auto jostailuak eta burruntzien atzetik lasterka ibiltzea gustatzen zaio. SEKUENTZIA 3 ANIMAZIOA Hegazkin zahar batean hegan goaz. Pilotu bizardunak larruzko kaskoa eta betaurreko handiak daramatza. Hegazkinaren motoreak burrunba egiten du. Mandoetako markatzaile eta erlojuen orratzek zuzen mantentzen dute norabidea. ARTXIBOA Hubert gaztea liburu artean ikasten. Hubert gaztea futbolean jolasten. Hubert gaztea hondartzan. Hubert gaztea neska batekin pasiatzen. Halako batean kotxe bat pasatzen da euren albotik eta hubert gaztea kotxeari begira geratzen da, liluratuta. Kotxea urrundu egiten da. Off AHOTSA: Beste edozein haurrari gertatzen zaion moduan, Hubert ere hazi eta gazte kurioso, basati, ergel eta ameslari bihurtzen da. Gazteak izaten diren moduan. Gazteak izan behar duten moduan. SEKUENTZIA 4 ANIMAZIOA Hegazkina hodeien artean hegan. Halako batean hodeiak ireki eta ¨Bihotz Sakratu¨ estatua bat azaltzen da hodeien artetik. ARTXIBOA Gizon eta emakume bat. Ezkontza bat. Etxe bat. Garage bat. Auto bat. Auto lasterketa irudi ezberdinak. Hubert Le Blon eta bere emaztea, kopilotu eta mekanikari lanetan. Off AHOTSA. A)Ezkondu bezain pronto auto bat erosi genuen. Motorea zuen edozein ibilgailu gustatzen zitzaion. Nazioarteko auto lasterketetan parte hartzen hasi ginen. Hubert gidari eta ni kopilotu eta mekanikari lanetan. B) Ibilgailu motoredun berri hauen aitzindarikin batera, zinematografia aitzindariak azaldu ziren. Zinema garai berean jaio zen eta edozein tramankulu aurkezpen, lasterketa edo erakustaldia non zinema kamara eta zinemagileak han. SEKUENTZIA 5 ANIMAZIOA Hegazkinak hodei zuriak gurutzatzen ditu. Bat batean zuritasuna grisez margotzen hasten da. Hegazkinaren motorea eztulka hasten da. Mandoetako markagailu eta erlojuetako orratzak mugitzen hasten dira. ARTXIBOA Hubert Le Blon zeruari begira. Hubert Le Blon planoak marrazten. Hubert Le Blon bere izena daraman hegazkin arraro samar baten alboan. Hegazkinak hegan. Hubert pilotu jantziekin jantzita. Hubert hegazkin baten mandoetan. Off AHOTSA: Hubert Le Blon hegan egiten duten motoreekin liluratzen da. Pilotu ikastaroa egin, Bleriot hegazki bat eskuratu eta bere gustora moldatzen hasi zen. Burruntzi itxura zuen monoplano bat diseinatu eta amaitzerakoan Le Blon izena eman zion. Hubert eta biok, hiri batetik bestera bidaiatzen hasi ginen hegaldi erakustaldiak egiten. SEKUENTZIA 6 ANIMAZIOA Hegazkinak akrobaziak egiten. Ur azaletik gertu eta ziztu bizian pasatzen da. Gora eta behera. Instant labur batez faro bat duen uharte bat ikusten dugu itsaso erdian. Motoreak berriro eztula egin eta ke grisa botatzen du. Ahate saldo bat gurutatzen da hegazkinaren aurretik. Mandoetako markatzaile eta erlojuen orratzak dantzan hasten dira. SEKUENTZIA 7 ARTXIBOA-ANIMAZIOA 1910. Martxoa-apirila. Hegazkin hegaldi erakustaldia Donostian. Egun haietan bildutako aragazki eta artxiboekin, errekreazioekin eta animazioa nahasturik, azaldu egun ahietan gertatutakoa: nola kontratatu zuen udaletxeak Le Blon, nola iritsi zen hirira, nola eraiki zen Ondarretako ondartzan aerodromo bat, frogazko hegaldiak, onik atera zen lehen istripua, jendetza, azken hegaldia, istripua, hegazkina uretan hondoratzen, erreskate saiaketa antzua, emaztea guztiaren lekuko, ... Off AHOTSA: 1910. urteko martxoan, Donostiako udalak, Hubert kontratatu zuen Kontxako badian hegaldi erakustaldia egin zezan. Ondarretako hondartzan aerodromo bat eraiki zen eta bertan hasi zen bere monoplanoa muntatzen. Martxoaren 27 eta 28an Le Blon-ek, frogazko hegaldiak hasi zituen. Ondorengo egunotan, hegaldi erakustaldiak egin zituen hondartzara hurbildu ziren milaka pertsonen miresmena eta txaloak jasoaz. Apirilaren 3an amaitutzat eman ziren erakustaldiak. Udaleko zinegotziak bazkaltzera joan ziren eta erreskate taldeak erretiratu. Le Blon, egunotan bildutako jendeari eskerrak emateko, arratsaldeko hiru terdietan monoplanora igo eta berriro aireratu zen. Minutu eta erdi beranduago, itsasotik 30 metroko altueran zegoela, monoplanoaren kontrola galdu eta bortizki itsasoaren kontra jo zuen. Hubert monoplanoarekin batera hondoratu zen. Ni, hondartzatik, nire senarraren, Hubert Le Blonen azken hegaldiaren testigu izan nintzen. ANIMAZIOA Motoreetako batek eztanda egin eta hegazkinak altura galdu eta buelta eman ostean itsasoaren kontra jotzen du. Ostean, pelikulako lehen irudietara itzuliko gara. Itsasoa, Ur azala. Irudia betazal klisken artean ikusten ditugu. Arnas hasperen motelak. Ur azaletik haratago, hondartza, harkaitzak, belardi gainean jauregi bat. AMAIERA HUBERT LE BLON 1874. urteko Martxoak 21an Frantziako Billancourt herrian sortu zen. Beste edozein haurraren moduko haur bat zen. Beste edozein aita eta amaren modukoak ziren aita eta amaren seme. Hubert izena jarriko zioten. Beste edozein haur baten modukoa zen. Huberti, bereziki, auto jostailuak eta burruntzien atzetik lasterka ibiltzea gustatzen zitzaion. Beste edozein haurrari gertatzen zaion moduan, Hubert ere, hazi eta gazte kurioso, basati, ergel eta ameslari bihurtu zen. Gazteak izaten diren moduan. Gazteek izan behar duten moduan. Garai hartan ezagutu genuen elkar. Ezkondu bezain pronto auto bat erosi genuen. Motorea zuen edozein ibilgailu gustatzen zitzaion. Nazioarteko auto lasterketetan parte hartzen hasi ginen. Hubert gidari eta ni kopilotu eta mekanikari lanetan. Motoredun ibilgailu berri hauen aitzindariekin batera, zinematografia aitzindariak azaldu ziren. Zinemagintza garai berean sortutakoa zen eta lasterketa edo erakustaldi bat non, zinema kamara eta zinemagileak han. Hubert, hegan egiten zuten motoreekin liluratu zen. Pilotu ikastaroa egin, Bleriot hegazkin bat eskuratu eta hura bere gustora moldatzen hasi zen. Burruntzi itxura zuen monoplano bat diseinatu eta aurrerantzean, Hubert eta biok, hiri batetik bestera bidaiatzen hasi ginen hegaldi erakustaldiak eginez. 1910. urteko martxoan, Donostiako udalak, Hubert kontratatu zuen Kontxako badian hegaldi erakustaldia egin zezan. Ondarretako hondartzan aerodromo bat eraiki zen eta Hubert bertan hasi zen bere monoplanoa muntatzen. Martxoaren 27 eta 28an Hubertek frogazko hegaldiak hasi zituen. Ondorengo egunotan, hegaldi erakustaldiak egin zituen hondartzara hurbildu ziren milaka pertsonen miresmena eta txaloak jasoaz. Apirilaren 3an amaitutzat eman ziren erakustaldiak. Udaleko zinegotziak bazkaltzera joan ziren eta erreskate taldeak erretiratu. Hubert, egunotan bildutako jendeari eskerrak emateko asmoz, arratsaldeko hiru terdietan monoplanora igo eta berriro aireratu zen. Ni, Hubert Le Blon nire senarraren azken hegaldiaren testigu izan nintzen. Hubert Le Blon Koldo Almandoz
AURKIBIDEA Hitzaurrea Gabriel Korta – 1951 NOREN BORONDATEA? EGOERA MAITATZEKO GARAIA UDA HANDIA DA MUNDUA KOKAKOLAK AGINTZEN DU TRAFIKARIAK ASKATZAILEAK? NORMANDIAKO BATAILAN SANTA AGEDAN EGINA BADAGO HARITZ BAT LAGUN MAITEAK OTSO ZAHAR BAT BAKARDADEA LAGUNKIDE MAITEAK EZAGUTZEN DUT AIPATZEAGATIK EZ DA DENA TXARRA IZAN KUZKURTURIK NON GALTZEN ZARETE? ZIRTZILAK GORROTOAREN EGUNA MADARIKATUA EKAITZAK AMAITZEN DIRA ZU ETERNALA ZARA BEHAR ZAITUZTET BEHAR DITUT BESTEAK ARIMA URRUNAK HERIOTZAREN ATARIAN GOI MAILAKO MAITASUNA URRIKALGARRIA MAITASUNARI EMANAK MAITASUNA ZURI GAUR PATXADAN ETA PAKEAN BIZI EDERRA DA ASKATASUNA EROTASUNA EZ DA KUTSAGARRIA ETA GIZATIARRA DA HERIOTZAREN PENDULOA BEZALA EROAK ULERTZEN DU SORMENARI LOTUTA NAGO ESAIEZU KALEAN ENTZUNA HIRIAN AGIAN DENA ESANA DAGO EDERTASUNA BEDEREN KOLDARKERIA DENA HASTEN DA PILTZARREN IDEOLOGIA ARIMAREN EGOERA BAT EZ DUT LEHIA MAITE BAZIRUDIEN MISTERIO TENTAGARRIA BORONDATE ONEKO PERTSONAK DESERTUKO HAIZEA OINETAN KONTUZKOA DA DENA UDABERRIA GERTU POETAREN JARRERA EZ DA ARRUNTA GURE DENBORA MUGATUA DA BIZITZAN DATZA GUZTIA NOLA MAITATU MISTERIO BAT? OTOI EGIN DUT EZ DUT ZURE ARGI ITSUKORRA IKUSIKO AMARI DENA BUKATZEN DA EZPAINETAN DARAMAT ELURRA GALTZA MOTZETAN ELKARRETARATZEKO GOGOZ BETERIK BELDURREZ BIZI ZEN NIRE ONDAREA SORMENAREN EREMUA UNIBERTSOA DELA ETA… ZEHARO EROTUTA BEKAIZKERIAZ BEGIRATU ZAPATAK OI! ARIMA SENTIBERAK HITZA ESADAZUE KONTZIENTZIAZ JABETU GARA GIZAKIA ANITZA DA BIZITZA GOGORRA DA BIHOTZEKO EMAKUMEA HAIZE ON BAT SUGEA BEZALA BETIRAKO ZELA IRUDITZEN ZITZAIDAN GOGORRA DA BAKARDADEA ERREMEDIORIK GABE ZALANTZAN JARRI EZ HASERRETU MUNDUAREKIN JOAN ZARA HEMEN GAUDE LAINOEN TARTETIK BERANDU DA ISILIK DAGO MAKINA DESIRATZEN DUGU GELTOKIAN ZALDIA TROSTAN HITZ HAUTSIAK MUNDUA ZABALA DA BEHARRAK NAHASI GINTUEN NEGUAN ELURRA ZER DA POETA IZATEA? Gabriel Korta, existitu [ez] zen olerkaria Hitzaurrea “Elurra galtza motzetan” bosgarren liburua du Gabriel Kortak (Donostia, 1951-Errenteria, 2020). Aurretik, “Laugarrenak lau” liburukian, lehen lau liburuak bildu zituen, orrazturik. Poesiari emana bizi izan da beti, hori izan du ardatz bizitzan, mendizaleak mendia bezala. Azken hogei urteotako liburuak berak eman ditu argitara, ahalegin handi bat eginda. “Elurra galtza motzetan” liburutik aipu batzuk atera ditugu, liburu honen berri pixka bat emango dutelakoan. Olerkariak badu kezkarik munduan gertatzen diren gertaera mingarriez. Horregatik dio: “Munduaren egoerak, urratzen dit bihotza, ez da nire gogoa…”. Baina aldi berean, badaki bizi egin behar dela, eta maitatu: “Orain da maitatzeko garaia”. Izan ere, munduan pertsona guztiak antzekoak dira haren iritziz: “Pertsonen ekintzak unibertsalak dira”. Eritasunak eraginda Kortak izan du goibelaldi eta ilunaldirik, baina atzean utzi nahi ditu, aurrera egin nahi du: “Ahaztu nahi dut, maitatu nahi dudalako”. Izan ere, besteen beharra du, gizaki orok bezala: “Oi, nola behar ditudan besteak…”. Bizitzaz egindako hausnarketen artean hau dago: “Bizitza gertatu egiten da, azkenean berak arrazoia du beti”. Hortaz, etsipenez hartu behar dugu datorrena, baina kontsolamendu batekin: “Infernuan ere, ez da dena txarra. Badakit zer den zoriona”. Infernuaren ahaidea dateke sasia ere, surik gabekoa: “Sasietan ez dago lorerik, baina hipokresiarik ere ez”. Poetak, bere bakardadean, badaki bazterrean egoteak duen ona, bakea. Han ere bizirik senti daiteke, eta bizitza goratu: “Gaur begiratu dena begiak zabaldurik; miretsi dena, maitatu bizitzaren miraria”. Mirari hori behatzeko patxada dugu beharrezko: “Dena presaka eta orain nahi dugu”. Presaka bagabiltza, nola hausnartu transzendentziaz, haraindiaz? “Ez dakit nola sortu den guzti hau, baina hemen nago”. Bai, hemen gaude, Kortaren liburua irakurtzeko prest, ondoren nork bere ondorioak ateratzeko. “Bakoitzak bere bidea egin behar du” esaten digu olerkariak. Bai, Gabriel, hala da, bakoitzak bere bidea egin behar du. Olerkia filosofiarekin nahastua dator hemen, irakurketa bizipenarekin, iluna argiarekin. Goza liburuaz, irakurle. Gabriel Korta – 1951 Norbera da bere bizitzaren moldekatzailea. aske naiz, eta ni naiz, nire bizitzaren arduradun bakarra; eta jakin, edo badakizue, askatasunaren prezioa, bakardadea dela. Hori estigmarena kontuan hartu gabe. zeren bakardadea ez dut nik beti bilatzen. Ze gaiztoak zareten batzuek psikiatrizatuekin…! Sabelek haurrak dakartzate; gizatiarra da, Poesia arimaren egoera bat da; jarrera bat. Izateko modu bat. Poetak hizkuntzarekin, egiten du lan. Parnasoa ez da nire mendia. nire mendia muino txiki bat da. Maite ditut beste poetak, maitasunak egiten du bihotza. artxiboetan katoliko, bizitzan bilatzaile. aspaldi erabaki nuen; nire bizitza, nire jarrera bizitzan, poetarena izango zela; eta utopia zen osorik, erabaki nuena. Ez naiz maitasun eskale bat. maitasuna ez da eskatzen, eman egiten da. Orain arte lau liburu kaleratu ditut; eta laugarrenean, lau liburuak daude: ISILETIK, OKARANAK, HARRI HAUTSIAK, eta azkenik, LAUGARRENAK LAU. ELURRA GALTZA MOTZETAN, bosgarren liburua da. ez dakit zein izango den bere bidea… Poetak hizkuntzarekin sortzen du artea. NOREN BORONDATEA? Lainoen borondatea; euria da, eta gu, haserre berarekin. Baina poeta maitea malenkoniaz beterik gaudenean, eta kopeta, edo lokia leihoko kristalean dugularik; maiz diogu: kalean euria ari du…! orain euria ari du, eta basoko zaldiaren begietan: mandeuliak ugari. euriak uxatuko ditu; eta zaldiak burua, astinduko du pozez beterik; eskerrak emanez euriari. EGOERA munduaren egoerak, urratzen dit bihotza; ez da nire gogoa, baina errealitatea gogorra da. Baikorra izan nahi nuke… Jakin nahi dut, nora garamatzazuen! nik itzuli nahi dut pikondoaren gerizpera, epikuroren lorategira. estigmak askatasuna murrizten du, harreman ezin ikusizkoak bihurtzen. Baina nire zokolutik diot: ezin dudala saihestu, munduaren egoera. MAITATZEKO GARAIA Magnolioak zetarizko eskuetan; zertarako madarikatu oraina? Zorionekoak maitatzen dutenak, zeren ez baitaude inoiz bakarrik. Orain da maitatzeko garaia. Tximua pentsalari bihurtu zen; zeruak txunditu zuen; unibertsoak liluratu zuen; hostoak baztertu zituenean. Maite dut gaua, maite dut eguna, maite dut; zure begietako tristura. UDA Garaia da, eta jada; sorbeltzak txioka dabiltza zeruan, zeru urdinean. udan sartuak gara, edertasunez beterik dago izadia. Kantatu, abestu du zozoak uxatu dira mamuak. Faunoa lorategian, dabil txirula jotzen; maiteminduentzako. Izpiritu askea, ez da txandala. Epikuroren lorategia joria da. Jan dezagun sagarrondo honetatik…! HANDIA DA MUNDUA Bide hautsez beteetan zehar, handia da mundua; hainbeste bide daude…! Handia da. Gehienok askatasuna, eta berdintasuna nahi dugu. Baina egunerokotasunak irensten gaitu. Pertsonen ekintzak, unibertsalak dira… Globalizaturik gaude, etorkizunean bizi gara. Asko aldatu da mundua… Hiri txiki hau mundu bat da. Ez galdu, nekez irabazi genuena. KOKAKOLAK AGINTZEN DU Eskasian bizi gara hori ez da berria. Eskasian biziko gara neguan estu gerria. Kokakolak agintzen duela hori da egia. TRAFIKARIAK Zuen boterea indarkeria hutsa da; arma trafikariak; eroso zabiltzate munduan; handia da zuen boterea, handia da zuen merkatua. Baina egun batean, eroriko da dena; orduan pozez beterik, dantza egingo dut, eta igurtziko ditut eskuak; jakintsu bat bezala; zeren azkenik gizadia, aske izango da. ASKATZAILEAK? Bagdaden sartu zineten gaizkileak, zuen filmetan bezala. Mertzenariak; atzerriko herri batean, zuen herritik hain urrun, zuen inperioa indartzeko. Bonba atomikoa, aitzakiz jarri eta, petrolioa helburu. Bagdaden sartu ziren mertzenariak… Jendea hil, emakumeak bortxatu, Jainkoaren izenean; lapurtu, hiria erre. Infernu bat sortu; hori da guztia. Irakiarrei zerien justizia. NORMANDIAKO BATAILAN Egia da Normandiako batailan gizon askok galdu zutela bizia, proletarioak gehienak, ez ziren mertzenarioak; eramanak izan ziren, bertan hil zirenak: harginak nekazariak galdaragileak argiketariak arotzak fresatzaileak. Hau da: herri xumea. SANTA AGEDAN EGINA Banoa nire burua jasotzen madarikazio baten ondorioetatik ateratzen poema aleak josten nire poemarioa konposatzen. Zozo bat dabil basoan txantxangorria leihoan; bere hamar begiekin. Ahaztu nahi dut, maitatu nahi dudalako. BADAGO HARITZ BAT Bideak narama nire mendira, badago haritz bat; lore txiki eta ezkurren artean, bere gerizpea ez da niretzako soilik. Oi! nola behar ditudan besteak… LAGUN MAITEAK Begirunezkoa izan dadila topaketa. Lagun maiteak: lorategi honetan, bekaizkeriak ez dezala aterperik izan; garbia izan dadila elkarretaratzea. gauza bat ikasi dut, eta pozik nago; mundua herri handi bat dela, eta kolore anitzetakoak garela. Bizitza gertatu egiten da; azkenean berak arrazoia du beti. Ezpata baina hobea lorea. nik krabelinak maite ditut…! OTSO ZAHAR BAT Esan nizuen, otso zaharra eta bakartia nintzela zaharra eta bakartia; baina maite dut taldea 60 urte ditut, maitatzeko denborak irentsi nau, konturatu gabe, atzo gaztea nintzen. Hausnartzen dut iragana; ez naiz moralista, baina benetako maitasuna, ez da erosten. BAKARDADEA Bilatzen dut nire txokoa txoriek beren kabiak bezala bakarrik egon nahi dudanean. Baina era berean bilatzen dut jendea. Berotasuna, lagunartea Epikuroren lorategia. Bakardadea beti ez da nire borondatea. Atzerria da mundua zokulu honetatik ikusita. Tristeak dira jenderik gabeko plazak… Maite dut lagunartea, eta elkarretaratzea. Maite ditut kale jendetsuak. Zaila da maitatzea. LAGUNKIDE MAITEAK Bakarrik nator baina ez dut bakarrik egin bidea lagunak izan ditut gogoan berriro ikusiko ez ditudanak gehienak. Hutsik nator ez dut ezer ekarri hitzen denbora delako oroimen onena lagunkideen artean. Bakarrik utzi gaituzue garaia baino lehenago zuentzako laudorioak eta lore ederrak. Iraunkorrak zarete oroimenean. EZAGUTZEN DUT Izpirituaren mina malenkonia gazi-geza da, tristezia goxoa sakongunea oinazea. Ezagutzen dut erotasuna badakit zer den paranoia badakit zer den sakongunea. Bizipenak jada erotasuna adiskide bilakatu du. AIPATZEAGATIK Geltokiko banku zahar batean, eserita nengoelarik; begiak lurrera begira bapatean lagun zahar batekin egin nuen topo. Bera Bilbotik zetorren ni berriz Donostiatik. Goizak horrela izan nahi zuen; eskizofrenia aipatu nuenean bakarrik geratu nintzen. Asko maite nuen… EZ DA DENA TXARRA IZAN Ez da diruagatik, maitasunagatik ere ez. Konturatu gabe erre egin dut, nire gaztetasuna psikiatria dela medio; baina maite dut. Infernuan ere, ez da dena txarra. Badakit zer den zoriona. KUZKURTURIK Kuzkurtuen itzalik gabe ate nagusitik sartu, eta atera nahi dugu. Ez gara gaizkileak, erotzea gaixotzea da. Zigortzen den gaixotasun bakarra. NON GALTZEN ZARETE? Ez dakit non geratzen diren pertsonen baloreak, duintasuna galtzen denean… Izar herratuak, karriletako erregeak. Bidaiari isilak. ZIRTZILAK Alde orotarik zirtzila dario; zirtzilduen ideologia, pobrezia. Hain kantatua, jende urrikalgarria; eskuak gorantz jarriak limosna baten eske. GORROTOAREN EGUNA Poema hau sortzen ez badut; gaur ez dudala jan sentituko dut, zazpigarren elurte hau kuku-elurra lagun gorrotoarena da. Beltza aspaldian sentitu ez nuen sentimendua. Gorrotoak itsutu baitu nire bihotza, eta ezintasunez beterik, estutu ditut ukabilak, ikusi baitut nola ezkerrekoak direla esaten duten jende faltsuek eta hipokritek, bultzaka tabernatik bota duten behartsu koitadu bat. MADARIKATUA Ez nuen nik bilatu baina erotasunak, eraman ninduen uholdeak dena eramaten duen bezala. Madarikatua erremediorik gabe madarikatua, eromena ez da barkatzen besteek pentsatzen dutelako sano daudela. Eroaren hitzak ez du balio. Ospe txarra dut, baina aske naiz. Maite dudalako nire burua; erotu egin nintzen, hori da guztia. EKAITZAK AMAITZEN DIRA Ezerk betetzen ez zaituenean, alegia bizitza inertzia bihurtzen denean; orduan zure baitan bildu. Pentsatu aurrera zoazela, eta zoriona mito bat dela beti irauten ez duena. Pentsatu bizitza bakarrik dagoela; bizitzeko bagara… Maitatu bizitza; maiz gauza xumeenak pizten gaitu. Izan haurrak bezala, izan apalak. Hilerrietako elurra bezala. ZU ETERNALA ZARA Sinisten dut zerbait izatekotan Jainkoa deitzen diogun hori; eternala eta mugagabea dela. Sinisten dut ezerezetik ez dela ezer sortzen, ez dakit zer den Bera. Denok gaude unibertso honetan, baina gu ez gara eternalak. BEHAR ZAITUZTET Behar ditut besteak arrainak ura bezala; besteak dira nire ispilu, besteak dira leuntzen nautenak, besteak dira nire zalantzen eragileak. BEHAR DITUT BESTEAK Ez dago jenderik tristeak dira jenderik gabeko plazak. Eguzkia aurpegian gogoko dut une hau, neguko eguzki goxoa, eguzkiaren keinu luzea. Sasietan ez dago lorerik. Baina hipokresiarik ere ez. ARIMA URRUNAK Zebrabideetako arima urrunak hirietako biztanleak; bakarrik gaude jendetzan. Supergizaki bat izan behar du batek; inolako maitasunik gabe bizitzeko. Bero bila, irten naiz kalera, eta hotzik itzuli naiz; poesiak eman dit atsedena. Zerbait hautsi da, nire bihotzean. HERIOTZAREN ATARIAN Behar ditut besteak, ez baninduzue ezagutu bakarrik geratuko nintzatekeen heriotzaren atarian, hotzak hiltzen, zeren besteak ez badaude: bizitzak ez du zentzurik, behar ditut besteak. GOI MAILAKO MAITASUNA Nola kimuak lorea neska lagunak maitasuna. Gehien maitatu nuen emakumeak, ezin du eskuratu; aske den bihotza. Adina, maitatzeko bazina… ez duzu ulertu, nire maitasunaren grina. Udazkenean bizi da nire bihotza. Hain ulerkorra beharko luke izan, nirekin etorriko litzatekeen emakumeak… Goi mailako pertsona sentibera anitz sentibera. URRIKALGARRIA Gizon hark errukarri itxura zuen; benetako disidentearena. Bere etxeak, leizezuloa zirudien, eta han bizi zen pakean natura maitasunez trataturik. Amaraunez beteta zeuzkan gelak. Eta amaraun haietan izugarrizko armiarma beltzak bizi ziren. Berak nahi zuen moduan bizitzeagatik ez zen onartua. Batzuek bera pasatzerakoan gezur-eztulak egiten zituzten, edo listua botatzen zuten. Haurrek iseka egiten zioten, eta harriak bota. Badator gure arlotea esanez… Zakurrak zaunka egiten zioten eta berak mindurik bide zaharra hartzen zuen koitadu bat bezala. Gaiztoa zen mundua berarekin, zapatak zimurrez beterik zeuzkan; hausteko bidean. Zaborretan egoteko egokiak. Bere jazkera ere ez zen batere arrunta; modaz kanpokoak ziren arropa guztiak. MAITASUNARI EMANAK Maitasunari emanak maitea, bestela ez du merezi. Hemen nauzu nahi duzun guztirako jarria. Maitasunean baldin bada, txantaiarik gabe. MAITASUNA Maitaleek musuak landatzen dituzte; musu horietatik jaiotzen dira loreak. Maitasunaren kalitatea adierazten dute… Loreak politak dira, baina musu batzuk pozoiturik daude. Musu horietatik, belar txarrak jaiotzen dira. Mitoak sortu ditugu; hainbeste kantatu da maitasuna… Hainbeste sexua. Maitasuna aipamen zaila da; eta hainbeste txandala daude… ZURI Banandu ginen, amildegi bat utzirik tartean; elkar ezagutu ez bagina bezala, ahazturik dago azken musua. Urruntasuneko argia, zu zara, nire itxaropena… Patetikoa izan zen, Santa agedako patioan ikusi, eta entzun nuena; bisitariak, kantari eta dantzan psikiatrizatuekin; txaranga batek lagunduta. Goiko zeruak gorde dezala, luzaro nire arima… Kantak zioen. GAUR Gaur begiratu dena begiak zabaldurik; miretsi dena, maitatu bizitzaren miraria. Miretsi, miretsi dena, azkeneko eguna izango balitz bezala. Ez zara damutuko… Begira tximeleta hori, azaroan gaude, eta bizi nahi du; tximeleten bizitza, laburra izan arren… Bizitza da daukagun gauza bakarra; ezer gabe joango gara. Maitatu gaur, posible bada. Bilatu zure bakea, agian bihar ezingo duzu. Poema hau guztiena da. PATXADAN ETA PAKEAN BIZI Esan nahi nizkizueke barre egiteko poemak. Egin barre bihotzez… Baina zorionak gutxi irauten du batzuetan bakarrik gertatzen da. Presak eta gorazaletasunak, abere arriskutsu bihurtzen gaituzte, mundu zibilizatua deitzen diogun hori eszentrikoa iruditzen zait. Non dago atzoko patxada, eta atsedena? Dena presaka eta orain nahi dugu. EDERRA DA ASKATASUNA Sarrailek maite dute herdoila; zein ederra den askatasuna libertari! Txintxarriaren jaia dakart eskuetan, preso batek ihes egin duelako. Poliziak bere bila dabiltza artadian; baina ez dute sekula harrapatuko, gaua dauka bere alde. EROTASUNA EZ DA KUTSAGARRIA ETA GIZATIARRA DA Eskizofrenia kimu bat udaberrian ahotsak entzumenean; batzuek ezargarriak besteak iraingarriak beldurgarriak, eta goxoak. Behartasunaren amildegiak badauka zer ikusia erotasunarekin. Gehienak txiroak dira, nahiz aberatsak ere erotu. Ur garbiak nahi ditugunok, denok askatasuna nahi dugu. Ez dute denek ulertzen… Erotasunak nire bizitza mugatu du. Aipatu nahi dut bereziki: Nietzsche, gontz handi hori, europar handi bat. Soseguaren itzalez beterik. HERIOTZAREN PENDULOA BEZALA Hondoa jo nuen, gizatiarra eta arrunta da; esan nahi dizuet, zeren: beheraldi sakona pairatu nuen. Desiratzen nuen: zuhaitz batetik nire burua zintzilikatzea. Sufrimendu hura, betirako amai zedin. EROAK ULERTZEN DU Eroak izan dezake, halako agerpen biblikoaren itxura edo bapateko argitasuna. Baina eroak ulertzen du; ez da hain eroa, ez da txoroa. Soilik desberdina da, ez da onartua, eroa izateagatik. Horregatik batzuek, nahiago dute psikiatrikoa; bertan seguru sentitzen direlako. Eroak maite du bakardadea, berak hautatzen duenean. SORMENARI LOTUTA NAGO Baditut desioak baina handikeriarik gabe; poseditzeak ez nau zoriontsu egiten. Sormenari lotuta nago; horrelakoa da nire bizitza. Ez dut tenplua gurutzatzen, ez dut erlijiorik, baina bai kontzientzia eta sinismenak. ESAIEZU Esaiezu lagun zenbat lan egin behar den, liburu bat egiteko. Sugeak bezala, larru berri bat behar duzulako, jarraitzeko arima elikatzeko, liburu berria, zailagoa dela konturatzeko. KALEAN ENTZUNA Kalean entzundako gertakizun bat: oihanean sartuak ziren ehiztariak, oihan ilunean. Tximuak saltoka zebiltzan zuhaitzetan. ehiztari batek agerian, zegoen tximu bati; tiro egin zion, eta tximua zauriturik, balak eman ziolako bete-betean, lurrera erori zen. Eta tximua nigarrez, malko tanta lodiak begietatik irten zitzaizkion… Tximuak oihaneko belar batzuekin estali zuen zauria. Baina ehiztaria gizon bat zen, eta urrikaldu gabe, kulatarekin buruan jo zion, eta azkenik tiro hilkor batekin, tximua akabatu zuen. Oihana isildu zen. HIRIAN Bapatean itzali dira hiriko argiak. Hasi da eguna… Kalea presaka doa goizaren zulotik. Eta zebrabidean bi gizon ikusi ditut elkarri barkamena eskatzen estropezu egiteagatik. AGIAN DENA ESANA DAGO Gehiena esana dago, agian esateko modua aldatzen da soilik, hainbeste idatzi du gizakiak… Izarpean, zein ez da liluratu? Zein ez da maitasunarekin liluratu? Nork ez du ikusi zelaietan itsaso bat? Hainbeste gauza eder daude kantatzeko… Poeta: ez al duzu emakume baten sabelean eskua jarri? Eta asto bat jaiotzen ikusi? Baina gehiena esana dago. Ikusi dugun guztia berdin sentitu dugu; baina beste modu batean adierazi. Batzuetan ikusi, sentitu eta isildu, poemak iraun dezan. EDERTASUNA BEDEREN Poesiaren zelaietatik belar xume bat besterik ez da geratzen haizeak makurtzen duen belarra. Eta belar hori, besterik ez bada; belar hori da nire poema. Eta dirau; nahiz uda nahiz negu poemak dirau. Hilkorra izatearekin konformatzen naiz; sentimendu tragikorik gabe. KOLDARKERIA Agian askatasuna belardian dabilen arratsaldeko haizea bezala; jostagarria eta iheskorra delako, errotu gabea. Betidanik nik ere izan dut ihes egiteko joera. Alaitsu txistuka makila bat, motxila bat bizkarrean; bideetako hautsa harrotzen amestu nuen nire askatasuna. Baina koldarra naiz. DENA HASTEN DA Nire izaera paketsua da; maitasunak irabazi dio gorrotoari. Orain dena desberdina da. Nire pausoak; arima herratu batenak dira. Dena hasten da, borondate onak: bihotzeko lorategian, atsedena hartzen duenean. PILTZARREN IDEOLOGIA Entzun iezadazue; handia da gizakiaren oinazea krudelkerian bizi gara, eskasian; betirako dirudien madarikazioan. Entzun txiroen kantua neguko piltzarren oihua. Hor dago lunpena karitatearen menpe, zokoluetan bizirik. ARIMAREN EGOERA BAT Poesia arimaren egoera bat da, askok bizi duten egoera. Irakurle maiteak: baina gutxi batzuek garatzen duten egoera. Nire lagunak poesia zaleak dira eta batzuek poetak; iturri anitzetatik irakurri duten poetak. EZ DUT LEHIA MAITE Parnasoa ez aipatu ez da nire mendia ez dut lehia maite. Poeta maiteok, mundu materialista honetan; txori bat maite dugu, bereziki denok. Kukua. KRISTO HILKO DUTE Mundu zabaleko bideak, ibiltarien pozgarri; loreak daude ertzetan. Bakuntasunez beterik ibiltaria pozez doa, eta erramu haizeak gogoraraziko dio berriro Kristo gurutzatuko dutela. BEGIRUNEZKO HARREMANAK Eskizofrenia loratu zenetik nire bizitza betirako aldatu zen. Bizitzaren erdia kasik, psikiatrian sartuta egin dut. Begirunezko harremanak nahi ditut… Norbaiti begirunea galtzen zaionean askatasuna amaitzen da. BAZIRUDIEN Bazirudien dena bukatu zela; eta larrosak bezala poesiak argia ikusi nahi du; ezin du geratu, edertasunarekin egina du lotura, zer naiz sortzen ez badut? MISTERIO TENTAGARRIA Erabat isiletik itxaropenez beterik… Oi! misterio hori misterio tentagarria bakarrik sentitzen garenontzat. Norbaitek, edo zerbaitek, egin duela guzti hau. Hori pentsatzea… Baina hala ere misterio bat da. Ezerezetik sortzea, zerbait sortzea; posible ez delako. Oi! hori, misterio hori bakarrik sentitzen garenontzat, misterio tentagarri hori… BORONDATE ONEKO PERTSONAK Borondate oneko pertsonek lurra sareratzen dute bizitzaren alde daude. Horrek asko pozten nau. Baina gehiengoa beti ekonomiaren menpe. Lukurreria, eskasia horregatik poetak hartu zuen emigratzaileen ontzia; eta nor zen galdetu ziotenean… ez zekiela erantzun zuen. DESERTUKO HAIZEA OINETAN Nire bizitzaren pausoak bizitzarekin doaz; desertuko haizea oinetan poemak hausnartzen bidean. Zer garen jakitea ez da erraza; nik nire bizitzan kontraesan asko aurkitzen ditut. Poesia ez da erraza ez da erraza poeta izatea. Nire kaia nire kantuen sorterria nire nahiaren azken hatsa, lagun leiala tristeziaren kabia pozaren argia bizitzeko zergatikoa nire ezkutalekua poesia. KONTUZKOA DA DENA Behar dut gain bateko ikuspegia sentitu bidean utzi ditudala nire kezkak; gizatiarrak eta arruntak, oso gizatiarrak. Urak edango ninduke nora jo jakingo ez banu… Beharrrezkoa zait poesia horregatik idazten dut eta mantentzen dut bakartiaren sugarra. Kontuzkoa da dena; eta ihesi doa musika bihotzaren bidezidor batetik. UDABERRIA GERTU Elurraren poema zuria, oinezkoen arrastoak ezabaturik. Urruntasunean ikusten dira; mendiak elur motzetan, eta arbolak, eta zuhaitzak ere, kimuz beterik, txorien denbora da, itzulera, kuku-elurraren garaia. Lehendabiziko loreak ere, hasi dira loratzen. Munduari uko egin gabe, munduarekin pakean; arrenkuraz eta gorrotoz, bete gabe. Zentzurik bai, bestela bizitzak? Maite dut! Nire askatasunaren jabe naiz. Maitasunez beteriko, etorkizuna… Artxiboetan katoliko, bizitzan bilatzaile. Aspaldi erabaki nuen, nire bizitza, nire jarrera bizitzan; poetarena izango zela nahiz inork ulertu ez… Nire orakulua burukia da, eta zeruari eskatzen diodana da, nire borondatearen indarra, indartu dezala, posible bada, aurrera egiteko… Maitasunak soilik ematen dit zoriona, gizadia maitatzeak. Askatasuna neurri batean, bakardadea da. Eta gorrotoa gaizki doakio bakartiari. Askatasuna erantzunkizun eder bat iruditzen zait. POETAREN JARRERA EZ DA ARRUNTA Zer egin behar du poeta batek? Poeta batek idatzi egin behar du, batez ere. Poetak gizaki arruntak dira. Baina beraien jarrera ez da arrunta. Niri artistak iruditzen zaizkit. Umilak, alfonbrarik gabeak. Baina batez ere, aske izan behar dute. GURE DENBORA MUGATUA DA Ezin dugu jakin misterioak gordetzen duena; ez dugu ulertuko, nola bete den huts handi hau. Ulertezina guretzako neurria eta denborarena; definitu daiteke, baina ulertu ez. Mugaketa guztiek espazioan, mugaketa berriak sortzen dituzte; espazioa amaigabea da. Denbora amaigabea du betikotasunak. Poetok maite dugu mundua, maite dugu bizitza, maiz izugarria; ederra da dena. Bere lorian koroatzen dugu unibertsoa. Norbaitek esango al dit nola bete den huts handi hau? Alegia nola sortu den, halako edertasuna, eta halako handitasuna? BIZITZAN DATZA GUZTIA Nire bidea, gizaki guztion bidea da; nahiz, maiz madarikatu. Begira gizakiaren edertasuna. Konortea galdu gabe egiaren eremuan; bizitzan datza guztia. Hiltzen naizenean: ez dut ezer ikusiko ez dut ezer entzungo usnatu edo ukitu ezta ere dastatuko hila egongo naiz ez dut ezer sentituko ez naiz berriro esnatuko. Betirako bizitzaren desioa; ahalmena, Jainkoaren pribilegioa da. Amets zahar bat, betirako bizi nahia amets gizatiar bat. Ez dakit nola sortu den guzti hau; baina hemen nago. NOLA MAITATU MISTERIO BAT? Ezin dut nire bizitza misterio baten menpe jarri. Nola maitatu ikusten ez dena; misterio bat dena? OTOI EGIN DUT Dena ulertuko banu Jainkoa izango nintzateke. zerura hurbildu naiz, ni hurbiltzen naizen moduan; bakardade honek, gaua zauritzen duelako; eta otoi egin dut isilean. Izarren hatsak, ihintzaz busti du dena; eta Madalenak oinutsik egin du bidea. EZ DUT ZURE ARGI ITSUKORRA IKUSIKO Misterio bat zara; leize handi bat. zu amaigabea zara eta betiko. Zeruetako Jauna, baina gu ez. Ez da zure borondatea, munduaren egoera. Lotsa sentitzen dut, pertsona izateagatik. Ez zara zu nire oinazearen auzia. AMARI Bizitzeko banintzen Oi! zure sabela lehendabiziko etxe itsaso epela. Bizitzeko banintzen Oi! zure sabela. Kukuak kantatu zuen ama ehortzi genuenean. DENA BUKATZEN DA Denak dauka hasiera beti hasiera. Denak dauka amaiera beti amaiera. Infinituak eta betierekotasunak ezik… Dena aldatzen da dena bukatzen da tragediarik gabe bukatzen da dena. Hori da naturaren legea naturaren esentzia aldakortasuna. Ez du inork irabazten betirako behintzat denbora kontua da dena. Horregatik maite dut hainbeste askatasuna, libertari. Ez dago heriotza ederrik bertan geratuko da dena. Nire hezurrekin ez kartzelarik egin. Eta daudenak suntsitu utzi txoriei bertan kabiak egiten saihets hezurrekin. Txirulak egin besteekin… EZPAINETAN DARAMAT Ezpainetan daramat hitz eder baten ardura; zetarizko korapiloa. Partzialak ditu fruituak. ELURRA GALTZA MOTZETAN Poesiari loturik nago edertasuna maite dudalako; poesiaren leizean sartu nintzen. Aurtengo elurtea ere ez dut, inorekin partekatuko. Bakarrik nago. ELKARRETARATZEKO GOGOZ BETERIK Hemen nago nire txokoan. Elkarretaratzeko gogoz beterik. Zabaldu langa hori, lainoetako jauna…! Natura maite dugu; natura gara, loreak bezala. Eskuetan hartu dut, ezkur aletxo bat; iradokitzailea. Sormenaren hazi berezia. Oi! natura miresgarria… Zelai honetan libre, animaliak bezala, baina solasean; lagunak bezala. Zabaldu langa hori lainoetako jauna. Hemen gaude naturan elkarturik; oinetakoak belarrez beterik. BELDURREZ BIZI ZEN Ate joka ibiltzen zen eskean; eskasian bizi zen. Behatz puntetan norbaitek ikusteko beldurrez, bai, beldurrez bizi zen. Beldurrez ematen zizkien txanponak dendariei, beti gastatzeko beldurrez. Hain zen txiroa… Lotsaturik ate joka, eskua luzatuz limosnatxo bat eskatzen Jainkoaren izenean. Horrela bizi zen errukiorren bihotz xamurrengandik jasotzen zuen diruarekin; ardoa eta ogia erosten zituen hilik aurkitu zuten atari batean. NIRE ONDAREA Nire ondare xumea poesia da. Gainontzekoak objektuak ez dira asko. Poseditzeak ez nau zoriontsu egiten. Poesiarekin liluratuta nago. SORMENAREN EREMUA Zigortuta nago poemak idaztera; ez da zigor txarra, okerragoak badaude. Gogorra da poeta izatea, gogorra den bezala, beste edozein lan. Ni, alde horretara okertu nintzen; ez naiz beste ezer, poeta soilik. Baditut lagunak nahiz urruti, maitatua naiz, ez naiz kexu nire suerteagatik. Bide traketsetik lortu dut, poeta bat bezala bizitzea. Zuek badakizue, zein gogorra den bizitza. Kontzientziarik ez bagenu… Baina kontzientziadunak gara. Poetok, sormenaren eremuan bizi gara. UNIBERTSOA DELA ETA… Hutsak ez du ezer sortzen betetzeko hutsunea baizik nola bete den dena izarrez unibertso hau, ez dakit. ZEHARO EROTUTA Eta egun batean kalera irten zen, herriko plazara; ozenki oihuka IRAULTZA! IRAULTZA! Kale barruan gorde arte. Erotuta zeharo erotuta, eta korrika; IRAULTZA! IRAULTZA! Esanez bularra sutan zeramala. BEKAIZKERIAZ BEGIRATU Bizitzako gauzarik ederrenak ezin ditut adierazi. Lagun maiteak bekaizkeriaz begiratzen zaituztet. Lagun sosegatuak maitatzeko eginak maite dut zuen izaera paketsua. Mundua maitasunez begiratzen duzuen orori bekaizten natzaizue. ZAPATAK Zapatak ibiltzeaz, gastatu egiten dira: zimurtu, eta azkenik hautsi. Balio dute musikarako, etzanda gaudenean, begiratzeko. Zigarreta puntak itzaltzeko. Zaborretan, noizbait ikusiak. Edo belarrez apainduak, belarra jango balute bezala. OI! ARIMA SENTIBERAK Oi! arima sentiberak zatozte, gaztaroko kantuak kantu loratuak, odol beroaren arantzarik gabeko lore gorriak. Oi! arima sentiberak; maitasunaren alde egon beharrean kontra bazeundete; alegia belaunaldiak maitatu gabe, alperrik litzateke nire maitasuna. HITZA Bizi hitza hitzen artean bizi hitzekin sortu poema bat: sentimenduak adierazi sakonak badira hobeto. 24 ordu irauten du egunak edozer gerta daiteke. Agian euritan ibili beharko dugu, edo itzala bilatzen; jendea da beti kalean dagoena. Adibidez gaur aterkia beharko dugu. Denok daramagu aterkia. Denontzako euria beharrezko ura lainoa gailurretan ibai oparoak. ESADAZUE Esadazue zer egin nuen hain oker, bizitza oraino, hain traketsa izateko? Ofizialki beti garapenik gabe. Nire ibilbidea, traketsa izan da. KONTZIENTZIAZ JABETU GARA Begira komisario jauna: abertzaleengatik izango ez balitz iada ez genuke gure hizkuntza zaharra erabiltzeko aukerarik izango. Eta hizkuntzak dira, herrien ezaugarri nagusienak. Abertzaleei esker gure naziotasunaren kontzientziaz jabetu gara. Abertzale izatea, gauza naturala da; nola jakin herri bat garela, kontzientziarik ez bagenu? GIZAKIA ANITZA DA Mundua ez dago geldirik nahasi egin gara kolore guztiak. Gizakia anitza da bakoitzak bere balioa erakusten du mundu asko daude mundu honetan. Beharrezkoaren bila gabiltza denak hori da guztia. BIZITZA GOGORRA DA Zahartu egiten gara; ahalmenak galtzen ditugu. Bizitza gogorra da, esaten zuen beti poeta txiro hark; partitu zarete, beldurtzen gaituen bide horretatik. BIHOTZEKO EMAKUMEA Non gordetzen zara baina, nire eskuek ez dute ikusten zure aurpegi zuria, bihotzeko emakumea. Non zara baina, ametsetako basoan galdua? HAIZE ON BAT Haize on batek jo du nire leihoan adiskidetasunari esker arantza lore bihurtuz. SUGEA BEZALA Sugea azalberritzen den bezala; heriotzak bere sudurra erakusten duenean… Onena, sugeak egiten duena egitea: azalberritzea. BETIRAKO ZELA IRUDITZEN ZITZAIDAN Gaztetasuna betirako zela iruditzen zitzaidan. Ez zaituztet bekaizten egungo gazteak. Nire atean udazkenak jo du. GOGORRA DA BAKARDADEA Zein gogorra egiten zaidan bizitza, banatzen ez dudanean. Bakardadea nahi ez dudanean; gogorra da bakardadea. ERREMEDIORIK GABE Patxadaz dramarik gabe galde egin diot nire gorputzari eta hutsuneak gizonen hitzak baztertu ditu. Beldurra eman dit amildegiak. Horrelako sorkuntza perfektuak, azken hatsa eman behar duela jakiteak. Erremediorik gabe pentsatzeak. Baina horrela da; eskua luzatu bizitzari baina bizitzak ez du erantzuten heriotza da. ZALANTZAN JARRI Aske denak arrazoiak eskatzen ditu, zalantzan jartzen ditu sinismenak eta ideologiak. Galdetu egiten du haurrak bezala; kontrastaketetan eta kontraesanetan mugitzen da. Izpiritu askearen izatea bakartia da. EZ HASERRETU MUNDUAREKIN Nork daki harresi horien barnean dagoen oinazea mundua debekatzeagatik? Nire txamarra bizkarrean zintzilik eta belartxo bat, ezpainetan nuelarik etxera bidean kanpaiak entzun nituen. JOAN ZARA Joan zara, urruntasunez beterik ezer esan gabe, duintasunez. Joan zara, elurraren isiltasuna, guretzako utzirik. Zeren ez dugu berriro elkar ikusiko. Bizitzera kondenaturik gaude. Elurrak, estali du dena. Kolore zuria denontzat… Berdintasuna. Txoriek soilik utzi dituzte arrastoak; hilerriko pakea hautsi gabe. HEMEN GAUDE Bizitza eman zaigu galdetu gabe. Maitatuak edo ez; hemen gaude maiz nora goazen jakin gabe. Denon amaiera jakin arren. Bakoitzak bere bidea egin behar du… Ekaitzetan babestu; aurrera egin. Bide zidor bat sortu. Baina ez gara denak berdinak…! LAINOEN TARTETIK Eguzkiari zoriona lapurtu… Eguzkiaren argia iragazten da lainoen tartetik. (ederra benetan) natura apala da, ezer eskatu gabe beti ematen du. Euria edo eguzkia eten gabe. Beti desberdina da zerua, baieztatzen dut, horrela dela. BERANDU DA Egunaren amaieran bakardadea eguna luzea, Osatu gabeko eguna. Inor ez etxean; berotasun eza, bakardadea bakardade osoa. Berandu emakume bat, lagun bezala izateko. Ni naiz 60 urteko poeta bat; altxorrik handiena bizitza da; partekatua bada hobe. Maite dut bizitza, bere urtaro guztiekin. Esan nahiko nituzkeen gauzak esanak daude. Ez naizelako, poeta bakarra. ISILIK DAGO MAKINA Isilik dago makina ordu txiki hauetan altzairu zahar bat bezala. Isilik dago makina hitzak nahi dizkiot lapurtu. Zerbait esan nahi dut; baina isilik dago makina. DESIRATZEN DUGU Bizitza zer den, ez dakigu: baina bizi gara gure gorputzaren barnean. Desiratzen dugu, gauza bat; maitatuak izatea, eremuak ez dira guretzako. Eremuetan bizi bagara ere, behar ditugu besteak, ura bezala. GELTOKIAN Leihatilan txartela-saltzailea ikusten da ezkerreko hatz erakuslea ezkerreko sudur-zuloan sartuta duelarik egunkaria irakurtzen. Berria ez den poemetako gizon herrenak geltokia gurutzatu du txistuka makilarekin erritmoa markatuz. Atsedena du geltokiak eulien burrunba besterik ez da entzuten abuztuko arratsalde bero honetan. Kanpoan trenbide hiletako bagoi batean karrilano bat dago lotan eta gertutik pasatzean emakume batek aitaren egin du. ZALDIA TROSTAN Zelaian euria ari du belardia haizetan; iparreko haize hotza. Grisez tindatuak, gizona eta zaldia. Zaldia trostan gizona korrika; azpian mundua; poliki jira-biraka. HITZ HAUTSIAK Atsedena bilatzen du poemak, hitz hautsiak iraun dezan irudi honetan: zaldi bat euri azpian lauhazka zelaian bakarrik, zaldizkorik gabe. MUNDUA ZABALA DA Txokokeriatik haratago mundua zabala da baina unibertsalak dira gertaerak maitasuna adibidez eta gorrotoa ere bai. Nire txokotik begiratzen dut mundua eta dakidan guztia bertan ikasi dut. Ez naiz apenas mugitu baina ulertzen ditut atzerritarrak sentiberak dira harremanetan. BEHARRAK NAHASI GINTUEN Bihotzean oinazeak bezala, azkenik bizitzak aurkitzen du bidea; bizitzeko sortuak izan garelako. Txirotasunean eta fortuna txarrean, atzera gehiegi begiratu gabe; galdutakoaren balantzea egin ondoren, gure prolearekin muinora igo eta, bizitzeko indarrez beteak abiatzen gara, lur berrietara. NEGUAN ELURRA Lixapaperarekin lainoak lixatu; neguak elurra, hotz urdineko otso zakurra. Bide estuak ogi papurra. Gorosti tinkoeneko xori maltzurra. ZER DA POETA IZATEA? Ez dut gogoko lehia, poesia ez da kirola. Nik ez dakit zer den poeta izatea. Poetak iruditzen zaizkit batzuetan dionisiotarrak, eta beste batzuetan apolotarrak. maiz iruditzen zaizkit; poetak artistak direla. Filosofoak ere bai askotan. Nik ez dakit zer den poesia, baina gertatu egiten da, eta esaten dut: hau poesia da. Zer da poeta izatea? Misterio bat. Gabriel Korta, existitu [ez] zen olerkaria “Harri hautsiak” izeneko poema-bilduma prestatzen ari zela ezagutu genuen Gabriel Korta Rekarte poeta. Egunero idazten zuen, horretara emana zegoen, pentsio txiki bat jasotzen baitzuen eta bizimodu apal batean, indarrak idaztera eta irakurtzera zuzentzen zituen. Beti poesiari emana, hitz lauz apenas idatzi zuen. Auden poetaren euskal itzulpena astiro, oso astiro, irakurri zuen, eta benetan zirrara eragin zion. Era berean, Paul Eluard, Andre Breton, eta beste poeta batzuk gogo handiz irakurri zituen. Euskal poeten artean Joxean Artze, Xabier Lete, Gabriel Aresti aipatzen zituen, besteak beste. Joxean Artzerekin harremana izan zuen eta asko miresten zuen Kortak usurbildar olerkaria eta honen lana. Jakina, ez zen aipatutako egile horietara mugatzen, maiteak zituen klasikoak ere, Dao de Jing, Lao Zi-rena, eta Epikuro-ren lan guztiak, arretaz eta xehe irakurriak zeuzkan, esaterako. Aldiro irakurtzen zuen bere oso gustuko filosofoa ere, Friedrich Nietzsche, beti sakona iruditzen zitzaiona. Maiz itzultzen zen harengana, haren idatzietara. Bere burua komunistatzat zeukan, gaztetan militantea izana zen, eta gizarte-auziaren kontzientzia handia zeukan. Gizartearen maila-banaketa argi zekusan: Lunpena, herri xehea, burgesia txikia eta burgesia handia. Baita ere, gizartean eragina duten beste eragileak aztertuak zituen: sexua, arraza, ideologia, adina… “Estigma” hitza maiz aipatzen zuen, berarengan bizi izan baitzuen. Bizitzan zehar gaixotasuna izan zuen, denborarik gehienean medikamentuekin ongi kontrolatua, baina batzuetan osasun-etxean ingresatzera eraman zuena. Gaixotasunaren eraginez harreman asko aldatu zitzaizkion. “Psikiatrizatuen” taldean egon zen hainbat urtez, eta bazterkin kontzientzia izan zuen beti, pertsona markatua zela, eta jendeak bazter uzten zuela. Berak onartzen zuen, halere, bakartzeko joera zeukala, bere baitan egotekoa, eta aldi berean “nola behar ditudan besteak” zioen. BADAGO HARITZ BAT/Bideak narama/nire mendira,/badago haritz bat;/lore txiki eta ezkurren artean,/bere gerizpea/ez da niretzako soilik./Oi! Nola behar ditudan besteak… Bakartze eta gizarteratze horren arteko kontraesana garbi-garbi aitortzen zuen, bazekien kontraesankorra zela, denok garen bezala. Gabriel Kortaren idazkera soila da, hitz zailik gabea, eta ulergarria. Irakurle batzuen aburuz, erabiltzen zituen gaiak tristeak ziren, eta idazlearen bizitzaren isla izanik, ez da harritzekoa ere. Gai mamitsuak erabiltzen zituen bere olerkietan, erroetara jotzen zuen, eta muinetik mintzo zitzaion munduari. Gaztetako lehen liburuak (Isiletik eta Okaranak 1986) Lur eta Susa argitaletxeekin atera zituen, hurrenez hurren, eta gero urte mordoxka argitaratu gabe egon ostean, bera autore-editore aritu zen lan guztietan. Bere pentsio txikitik pixkanaka aurrezten zuen dirua eta behar adina biltzen zuenean liburua egiteko, aurrekontua eskatzen zuen inprimategian. Zarauzko Itxaropena inprimategira gustura egiten zuen itzulia; beti ongi hitz egiten zuen hango jendeaz. Ondoren liburua aurkeztu, elkarrizketa bakan batzuk egin eta kritikarien erantzunari itxaroten zion, egunkarietan. Harri Hautsiak liburuan bi olerki musikaturik atera zituen (Bertsotxo batzuen hazkureak -ezkur aletxo bati- eta Mendi, lahar eta baso), partiturekin, Jon Goenagak eginak eta aurkezpenean pianoan emanak. Ondoren errezital batzuk etorri ziren. Jose Luis Padronen hitzaurrea dakar liburu horrek. 2017an “Maitasunaren indarra” liburua aurkeztu zuenean, Donostiako Garoa liburu-dendan, Itziar Navarro gitarra-jotzaileak lagundu zion errezitaldi hartan. Hatsa elkarteak, Senperen, antolatzen duen urteko poesia antologian parte hartzen zuen, oso gogo onez, eta beste olerkari batzuentzat bezala, Hatsa zen uharte bakarra, bakardade literarioaren itsasoan. Auxtin Zamorak gidatu eta artaz egindako liburuetan atsegin handiz parte hartzen zuen, eta ahal zuen heinean, urteko liburu aurkezpenera joaten saiatzen zen. Hatsa elkarteko kide asko ezagutu zituen eta horrek zabaldu zion bere harreman-sarea, besteak beste. Zumarragako ilunabar literarioan parte hartu zuen. Errenteriako Zintzilik irratian hainbat saio egin zituen, poesia errezitatzen bezala mahai-inguruan. Eta horri esker, grabaturik geratu dira, Gabrielen ahotsean, hainbat olerki eta kanta-hitz. Neuk batzuetan, esan ohi nion, erdi-brometan: “Hiru zarete, hiru: Gabriel Aresti, Gabriel Celaya eta Gabriel Korta”. Eta irribarre egiten zuen. Baina existitu al zen benetan Gabriel Korta izeneko olerkaria? Gutxi batzuontzat asko existitu da Gabriel Korta, eta asko batzuentzat ez da existitu batere. Zorionez, hor dira haren liburuak, irakurri nahi dituenarentzat. Eta ondorengo belaunaldientzat. Diot liburuaren aurkezpena Zintzilik Irratian egin zuenean eta olerkiak grabaturik utzi, honako sarrera hau egin zuen: Sinesten dut arima sentiberek badakitela non dagoen poesia eta non hautsa, apaletan eta altzarietan utziko dut oraingoz denboraren menpe oraingoz azkenengoa. Nik poesia eskaini nahi dizuet. Bizitzak ematen dizkigu poemak, berri onak bezala, ez naiz azpietan gordeko xomorroak bezala. Poema hauek ditut zuei eskaintzeko. Aurrerantzean zuek izango zarete epaileak. Ez dago nire esku, zeren nire iritzia oso subjektiboa baita, jakin irakasle gehienek ez zutela nigan ikasminik sortu. Beraien errua izan zen. Ez da zilegi. Nik nire borondatez ikasi dut dakidana, dakidan gehiena, traumatikoak izan ziren nire ikasketak. (gauza bat da homosexualitatea onartzea eta bestea da traumatizatuta egotea asunto horrekin, praile nazkagarri batek ez ninduelako bakean uzten, sexu-gehiegikeriak jasan nituen. Traumatsuak izan ziren neure ikasketak) Ni naiz izan nahi nuena, txarrerako eta onerako. Zorionezkoa ez zen poema bat egin nuen. Errekak eraman zuen musika eta guzti. Gero poesiari heldu nion, haur batek bere amaren eskuari heltzen dion bezala. Gaztea nintzen eta nire burua poeta bezala autodeterminatu nuen (autodeterminatu herriak egiten dira, baina ematen badizute lizentzia poetikoa, poeta bezala autodeterminatu nuen neure burua). Beti notatxoak jasotzen nituen karpetatxoan. Gehiago zen sentitzen nuena idazten nuena baino. Beste askok bezala, garaiak baitziren ziren bezalakoak, klandestinoa izatea erabaki nuen. Nik nire karpetatxoa nirekin neraman beti, poesiaz betea. Eta azkenik, espero ez nuen bide triste batetik iritsi nintzen poeta bat bezala bizitzera. Hamazazpi urte nituenean poesia izan zen nire nortasun eta nire askatasun espazio propioa. Ez al da ba horrela? Ni, hasi nintzen kantak egiten, eta konturatu nintzen neuk kantatzea baino nahiago nuela beste batek kantatzea eta nik letrak egitea. Ez dakit zergatik hori buruan sartu zitzaidan eta nire musika egin nuen momentu horretan, utzi bakean, musika galdu egin nuen. Nik bakarrik ezin nituen kantak egin. Hori izan zen nire lehen poesia pausoa. Gero poesiari jarraitzeko, sakontzeko eta aurrera jarraitzeko. Hori nahi nuelako. Poesia arma bat dela esaten dute, ez desestimatu poetak, ez desestimatu inor, poesia aberastasuna da eta, karisma izatea, hori beste kontu bat da. Azken urteotan Hurkoa elkarteak lagundu dio egunerokoa kudeatzen. Esan gabe doa senitartekoek pazientzia handiz lagundu diotela beti, ez baita izan erraza Gabrielekiko harremana inorentzat. Ezta lagun izan garenontzat ere. Oh, Gabriel, hire poemako siriarra bezala, denetatik, denengandik partitu haiz! Gabrielen heriotzean, Zintzilik Irratiak, Errenteriakoak, bere webgunean, Diot audio-liburua entzuteko aukera ematen du, egileak bere ahotsez grabatua. Irrati librea, Gabriel bera bezala, hari batetik zintzilik, Gabriel bera bezala. Hark oinordetzan utzi dizkigu liburu hauek: Isiletik (1980), Okaranak (1986), Harri hautsiak (2002), Laugarrenak lau –aurreko hiru liburuak gehi Testigantza- (2010), Diot (2013), Elurra galtza motzetan (2012), Maitasunaren indarra (2016). Mila esker, Gabriel. Iñaki Bastarrika-Izagirre kazetaria
I Arratsaldeko zazpiak eta laurden inguru, banabil ezin sinesturik, eta agian apurtxo bat atsekabeturik ere, beharko, nahiz eta kale gorrian ia ordubete zain egon, oraindik hemen bainauzue tinko-tinko, Kikeren zorioneko bezeroari ataurre horren goialdeko etxebizitza bat erakustearren, dagoeneko etxean eta batez ere bainuontziko ur epelean murgildurik goxo-goxo egon beharrean, Alde Zaharreko kale-kantoi ilun eta lohi batean dar-dar eta asper-asper zeharo eginda. Baina, hau al da bene-benetan txiki-txikitandik ezagun dudan nire hiriko Alde Zaharra? Aitortu beharrean nago, behin baino gehiagotan eta batez ere kartzelatik irten eta gero arrotz samar sentitzen naizela, gehienbat ondoko kaleetan denda arruntak zein lehen begiratu aspertuan ondo asko bereizten ez diren bestelako establezimendu batzuk ireki berri dituzten Senegal, magrebiar edo hispanoamerikar jatorriko jabe eta bezero etorkinetako bat nire aldamenetik pasatu eta bere aurpegia ez antzemandakoan. Alabaina, nire irribarreak eskeintzen dion abegi zabal eta guztiz profesionalean erreperatzeke paso egiten duenean begiratu txunditu bat edota iseka barre bat bizkar atzean uzten dit. Galduta nago, aspertuta eta agian nahiko hozminduta ere, baina ezin dut alde egin, agindu egin diot nire lankide izorranteari. —Zor didak. —Zer dela eta? —Jabearen iloba haizelako. Ezin ezetz esan guztiz konbentziturik utzi ninduen argudio horren erruz. Hortaz, eta betidanik lanorduz kanpoko bisitaldiak biziro gaitzetsi edo gorrotatu arren, langileok inola ere onartu behar ez dugun gehiegikeria bat den aldetik, horra hor orain dela gutxi arte izan nintzen borrokalari suharraren azkeneko zantzuetan murritzena, ordubete baino gehiago kale ainube honetan zeharo gogait eginda eta dardaraz zein esperoan naukan bezero ezezagun eta lotsagabekoari esker, normalean odolestutzen hasi aurretik jasan dezakedana baino geroago. (Ez nuen inola ere bueltatu behar erabat arrotz, mingor, zakar, suertatu egin zaidan sorterrira) Nolabait ere, zorioneko bezero hau lehenbailehen, edo behintzat nire onetik atera baino lehenago, ez baldin badator behingoz, badakit noiz edo noiz nire ohiko aiko-maikoetan hasiko naizela, hau da, nire burua gutxienez edozein lelokeriaz beteta izateko besterik ezean, hau baita aspaldi honetan egiten saiatzen naizen jardun bakarra: kasketea berotu. Zorionez egun ikaragarri ederra izan da aspaldiko partez, apiril erdiko uda harrigarri xume bat, guztiz eguzkitsua eta aldi berean ere epela, goxoa, nik zinez ikaragarri gustuko ditudanak hain zuzen ere, eta oso kontutan hartzeko datu bat hiri honetako udaberria nolako definizio hutsala den behin jakinda ere. Bestalde, oraintxe bertan nahiago nuke nire urtegi ondoko txaletean zain dudan sofan etzanda eta telebista aurrean bapo-bapo afaltzen egon, Alde Zaharreko, hau da, gaur egun Urraitz edo erdaraz “La Almendra” deritzoten auzo ikaragarri hotz, ilunbetsu eta agian gaur egun arriskutsu ere honetan baino. —Ez hasi hain azkar aineka, ikusiko duk zer-nolako neska puska. Nik uste, ala hori da behintzat espero dudana, nire lankide ez hain maiteak ni poztu eta animatzearren bota egin zidala, bera bezain gonazalea edo lizunkoia naizela sinesturik ere, bere saltzaile elokuentziaz bezero izan ohi dituen neska koitaduak di-da eta ia erreskadan liluratzen dituena, edo bere berbajarioaz lur jota utzi ohi dituelakoan behenik behin, agian ere adierazi nahian nik antzeko zerbait egiteko parada izango dudala oraingoz behintzat kale gorrian zain eta dar-dar nauen bezero dagoeneko malapartatuarekin. —Lan hau izugarri aproposa duk mota guztietako neskak ezagutzeko, eta egin kontu, bakarrik baldin badatoz ez ezak aukera galdu. Kikeren ustezko ateraldi lizun iguingarriak, bulegoan barra-barra bere emakumeekiko ezintasuna agerian etengabe utziz, hainbeste gustatzen zaizkion lizunkeria ezinezko horiek egiteko benetako parada balu, dagoeneko kartzelapean legoke. Zorionez gure Kike buruberoak ahoa zakila baino beroago du. Egia esan, sexu kontuetan erabiltzen duen organo bakarra, eta ez hankartean hain zuzen ere. Kike gaixoak, berotasunetik gaixotasunera hain tarte txikia dagoela medio, ez dit inolako penarik ematen, aitzitik, Kikek biziro gogait egiten nau, ez besterik. Tamalez, ez da ere bere meritu hutsa, aspaldiko partez inguratzen ninduten gizakume gehienek gogait egin ohi naute, nire ustez oso supituan itzuli naizelako ia zeharo ahaztua nuen bizimodu zibilera edo. —Buenas tardes, y perdóname si llego tarde, acabo de salir del trabajo. Lehenengo eta behin, ezustean eta estreinakoz Kikerekin bat etorri beharrak eragin didan ondoeza. Bai neska puska, batez ere gazte, dotore eta fina, nola ez onartu bistan dagoena, nola ez onartu ere ez nagoela ohituta, ez behintzat barkaka eta totelka hasi baino lehen, oraingoan datorkidana bezalako neska pospolin batekin tratatzera, hau da, hain gaztea, dotorea, fina eta gainera itxuraz edo zolia ere ematen duen emakumezko batekin. Hori izan da, duda izpirik gabe, nire aurreneko zirrara, berriro diot, nire moduko astapotro baten ohiturari jarraituz itxuran bakar-bakarrik erreparatuta, hau da, eta takoi luzeeen oinaze sekularra alde batera lagata, hain gaztea izanda eta ezin nabariago, batez ere bere amari agian propioago, txukunago, egokituko zitzaion orrazkeran zein bere adineko neska bati berez oso faboragarria ez zaion soineko urdinkara, molde txit klasikoa eta seguruenik ere oso garesti eta etiketadun horretan -maiz soinekoek emakumezko askori mesede bainoago kalte egiten diote-eta, hau da, adinez oraindik ez dagokien derrigorrezko zein gezurrezko dotoretasun soil eta serio bat adierazi nahian-, oso goiz andere, andere eman nahi duena, baliteke ere agurtzerakoan erabili duen tonu behar bezain gizalegezko, atsegin edo adiskidegarriarengatik. —¿Subimos? Lipar batez ez nekien noraino, gogoeta lizunpean nengoen-eta, Kikeren parean. Berehala, ostera, konturatu naiz neska zain eta urduri nuela. Ireki dut atea ezin aztoratuagorik. Goazen ba, guztiz berria zaidan zoko ilun batera sartzen gara. Alde zaharreko etxe gehienak oso antzekoak dira, ikustekoak bederen, otutzen zaidan lehenengo gauza hutsala, hau da, kontura ezin egoki eta ergelago datozen topikoen bila, alde zaharreko etxe zaharkitu eta beharbada ere hondatuei buruz dakidan apurra, hots, Kikek berak hona etorri baino lehenago hainbat arinen irakatsitakoa, eta doi-doi itsumustuan gogoratuz. Hona hemen topo egiten dudan bigarrengo topikoa edo ni bezalako eta ustezko bakarrik ere etxe saltzaile saiatu batek ezin hobeto ezagutu behar zuen estakurua. Ez dago igogailurik, bagoaz laugarren solairuraino eta tarteka ere oso fidagarriak ez diren eskailera mehar eta laiotz baten zurmailetatik igotzekotan gaude. Nire lanaren nondik norakoei eutsiz gezurretan hasteko garaia heldu zait, hau da, halako eskailera deseroso edota arriskutsu baten agerikoaren ezeztapena. —Y esto no es lo peor de este tipo de casas. Orduan, bat-bateko senak edo eraginda, nire lankide Kikeren gomendio edota aholkuetatik ahalik eta gehien bereizten saiatzen naiz, baliteke ere bere berba lizunei darien kiratsa uxatu nahian edo nire begi guztiz indiskretoak neskaren alderdirik eme-emetatik saihestearren. —Contentos si no nos despeñamos antes de llegar al último piso. Ez da oparitzen didan lehenengo irribarrea, baina bai, agian, gizalegezkoa soil-soilik ez dena, hau da, nire ateraldi inozoak eragindakoak. Orduan bai, alde zaharraren goialdean dagoen Correria kaleko teilatupe bateraino laguntzen ninduen eta behin berriro bere adineko batentzat behintzat soineko urdinkara, txit klasikoa eta garestia janzten duen neskaren aurpegi politari lehendabizikoz so egiten ausartzen naiz, oraingoz soslaiz bakarrik baldin bada ere, zeharo herabe, agian nik bakarrik gordetzen dudan gizalegeak behartuta, agian ere Kike madarikatuak sekula egingo ez zukeen bezala. (Ezingo dut inoiz ahaztu bere sagutxo sudurra) Soineko urdinkara beti gogoan izanda, edonor bezala ere nire aurreiritzien menpeko, berehala begitantzen zait lan kontuetan denbora alperrik galtzen ari naizela eskuan dudan giltzari dagokion sarrailaz bestaldean estu-estu zabaltzen zaigun etxebizitza erakusterakoan. —Beharbada ez da gogoan duzuna. Sabaia Portugaleko eliza baten barnean egokiago legokeen urre kolore batez margotua, hormak zeru-urdinez eta zoruan koba barruraino zihoan moketa gorri bat; duda izpirik gabe Kikek adierazi eta bere moduko edozein zakilberok gutiziatuko zuen txortatoki edo pikadero bikaina. Baina, jakina, ez diot ezer esan, badira hilabete gutxi lan honetan nagoela eta oraindio oso kontu handiz ibili beharrean nago, gaurdaino nigandik espero zen behar beste etxe saldu edo alokatu arren, hau da, hilean bizpahiru gutxienez —niretzat soberan, eta batez ere jabearen iloba naizen aldetik—, nire bizitzaren beste zenbait arlotan hain ohiko eta sarri izan ditudan hanka-sartzeak beste behin ez egite aldera. —Me parece demasiado estrecho y la pintura un poco exagerada, pero bueno.... Nik uste dut inoiz, edo behintzat lan honetan ari naizenez geroztik, ikusi dudan pisurik mehar eta zatarrena dela. Eta horma margotuen nabarmenkeriaz zer esanik ez. Baina, tira, bere gustukoa baldin bada, bezeroaren gustukoarekiko oro lege baita kursiloan ondo asko irakatsi bezala, ez du inporta egiaren laurdena baino esateak, hau da, iruzur egiteak, pisua egiatan ez dena sinestaraztea, hain meharra, zatarra eta batez ere zaharkitua ez dela etengabe baieztatzea. Okerrena, dagoeneko erdi konbentziturik sumatzen dudala, edo agian ere zerbait okerrago, behartuta, edozein pisu hainbat arinen onartzeko premiaz, egundoko hanka-sartze bat egitekotan. —El anterior inquilino lo pintó de arriba abajo para hacerlo más habitable. Ezin ageriagoa nola edo hala adierazten saiatzen naizena, aurrean dudan bezeroa, hots, aspalditik ikusi dudan neskarik pertxentena, atseginena, sotilena, xaloena —irribarretxo xume batez nahikoa izan du hau eta orain kontura ez datorren beste hainbeste gogoan har nezan— eta beharbada ere babesgabekoena nolabait ohartarazita egitear dagoen erruaz. —La mayoría de estos pisos tienen graves problemas estructurales, vamos, que por mucho que los maquillen por fuera, por dentro se están cayendo. Berak irribarre egin du. Hasia naiz atsekabetzen. Honaino iritsita nola ez aitortu neure buruari sarri askotan esan ohi diodana, nire buruari harrika egiten diodala halabeharrez, badagoela motibo bat bezeroa nagusiarengana joan dadin kexatzeko asmoz, saldu beharrean uxatu gura ninduela ematen zuen, horra hor berriro neure etorkizuna kolokan, ezin diet osabak egiten dizkidan mesede guztiei muzin egin, berak ez ninduen inondik ere onartu behar bere inmobiliarian lan egiteko, egia esan, bazituen aldez aurretik gura eta behar adina saltzaile, eta guzti-guztiak Kike kaskailua bezain azkarrak eta batez ere emankorrak. —Por otra parte, se trata de un tipo de piso ideal para jóvenes profesionales y... Neska gero eta irribarretsuagoa. Eta? Ezkongeentzat ere ezin aproposagoa? Eta niri zer axola? Arren, ezin dut sinistu hain dorpea naizenik, eta hurrengoa zer? Etorriko al zara nirekin afaltzera? Txortan egingo dugu oraintxe bertan? Momentuz totelka ari naiz. Neskak seguru asko pentsatuko du ez nagoela nire onean, gizajo hutsa naizela. —La pintura le da un toque muy original, puede que muy alegre, acaso demasiado, pero a mí, la verdad, tanto color como que me marea. Leiho bakarra kale ainubera begira, pasilloa inora eroaten ez duen hodi luze, ilun eta estu baten modura, egongelara sartzerakoan ozta-ozta gizakume bi eta beti elkar oztopatuz, guztiz oso garbi antzematen ez den moketa baten gainetik zapata zolak ia pega-pega eginez, eta bertatik irten barik ere sukaldeaz topo egiten dugu txoko batean erdi ostendurik. Zelan ez esan, ustekabean izanda ere, eta beti erdi txantxetan, tarteka-marteka bakarrik egiten ditudanak urduri eta ahomotel nagoela, kobazulo hau alokatu gura duena pozarren egon behar duela logela nagusi eta bakarrean etzanda doi-doi kabitu ezkero. —... demasiado oscuro y estrecho. Eta ezin zuzenago dagoela erantzuten diot. Noski baietz, azkeneko maizterrak oso gustu eskasa ei zuen, bai koloreei dagokienez, bai utzi izan dituen apaingarri bakanetan erreparatzekotan, begi bistan dago —eta honako hau nire bezeroak esana— azkeneko maizterrak ere diruaz malabarismoak egin behar zituela. Bestela, ikusi besterik ez dugu egin behar, honezkero guztiz begikoa begitantzen zaidan neska eder honek txino batean hamaika aldiz topatzen uste izan duen plastikozko herensuge zein loto-loreez betetako pitxerra edo ia etxe guztietan eskegita omen dagoen Gernikaren ditxosozko erreprodukzioa. —Accedí a ver el piso por el precio; pero, aún así, no me veo viviendo en él. Ez dago eztabaidatzekorik, bere aurpegian ezin argiago nabarmentzen zaio bere erabateko ezadostasuna, ezin du bere burua etxe honetan ikusi txikiegia, zikinegia eta behar bada ere bitxiegia baita bera bezalako emakume fin eta pospolin batentzat, eta gutxi balitz bezala ikaragarri garestia ere hiriguneko beste antzerako pisu batzuen aldean. Berarekin bat nator berehala, ezinbestean, hiri honetako alokairuen prezio gehienak neurriz kanpokoak dira, abusu hutsa, legeztatutako lapurreta. Ez dit batere inporta niregan zorionez dagoen onestasun aztarna erakusteak, sasi guztien azpitik eta hodei guztien gainetik ondradu izaten jarraitu nahi duen gizona aldarrikatzeak. Hori dela eta, nik ere pisu kaskar honetan topatzen ditudan faltak eta akatsak zenbatu eta zehazteari ekiten diot. Nik ere ezin dut bera bezalako neskato bat hemen sartuta irudikatu, batez ere aldez aurretik jakinda azkeneko maizterra pikadero modura erabiltzen zuela, bere behin-behineko amodio ustelak honaino erdi arrastaka eta ezinbesteko alkohol kopak zurrupatu ondoren erakartzeko asmotan, Kikek behin baino gehiagotan kontatu bezala maizterraren laguna omen baitzen, egia esan amaigabeko irribarretxo batez eta derrigorrezko keinu lizunaz ere kontatu egin zidan, bere lagun zakilberoetako bat, Txapeldun goitizena jarri omen ziotena, hain zuzen ere. Bestalde, eta neskak inolako lotsarik gabe bere diru estualdia aitortu didala medio, nik uste dut egon behar direla halabeharrez beste pisu zabal eta merkeago batzuk, baita Alde Zaharrean bertan ere. Dei bakarra egin behar dut, oraingoan Kike da mesede bat zor didana, bera da auzoko etxebizitza guztiak ondo baino hobeto ezagutzen dituena, eta berak ere esango dit, noski, zein den auzo honetan ezinbestez omen dagoen pagotxa. —Hobe dugu hemendik lehenbailehen ospa egitea. II Orain dela bi ordu lehenagoko bero saparen arrastorik ez, gure benetako, hots, betiko apirilak berriro gogor jotzen gaitu hiri honetan jaun eta jabe den hotz sakonaren indarraz, gauzatzekotan dagoen gauaren ilunaz bailatzen dela badirudi kalean eta ordu txarrean galdutako bi gizajoren aurka gogoz, ezusteko erneguz hobeto esanda, jarduteko asmoz. Egia esan, biok hozmintzen hasiak gara. Zorionez, orain Alde Zaharreko kale eta kantoietan zehar ia antxintxika goaz Kikek telefonoz iragarri didan eta auzoaz bestaldean dagoen etxebizitza liluragarria, egiazko pagotxa, deskubritzearren. —No sé cómo agradecerte las molestías que te estás tomando. Eragozpenik baldin badago erlojuak jotzen duen orduaz ari da, gaueko bederatziak aldera agentziatik giltzak eskuratzeko pasatu eta Bakardadea Kantoiraino arnasestuka iritsi ahala. Ez dakit zenbat aldiz batere ardura ez didala erantzun diodan, eta hala eta guztiz ere bera etengabe barkatzeko eskatuz. Ez dakit ere nire eskuzabaltasuna zuritzeko edo niri bizitzari buruz eman dizkiodan zertzelada eskasak gehiegizkoak diren edo agian, eta bera bezalako neska pertxenta bati egindakoak bereziki, apurtxo bat susmagarriak ere nire benetako intentzioen aldetik; inor etxean nire zain ez dudala aitortu berri diot-eta, alajaina. Baita hemendik hogei kilometrotara, eskualdeko urtegiaren ondoko txalet xume eta ikaragarri moñoño batean bizi naizela ere. Dena dela, beranduegi da gure moduko gizabanako bi Alde Zaharreko kale itzaltsu eta ustez —akaso gero eta horiztagoak omen diren egunkarien aburuz bakar-bakarrik— beti arriskutsuetan gora eta behera arduragabeki ibiltzeko. Iluntzen ari da eta niri bost, gainera ez zait batere gustatzen urtegi aldean dudan etxeraino gauez gidatzea, bolanteari atxikita hain baldarra naiz- eta, ez da izango gaua agentzian pasatzen dudan aurreneko aldia, eta hain gustura nago neska honekin berbetan, bai berbetan, aspalditik inorekin ez bezala, ez behintzat hain sarri eta aise edozein huskeriarengatik barre eragiten didan norbaitekin, barre ikaragarri zabal-zabala. Bestalde, berari ere nabari zaio ez duela inora joateko presarik, ez eta premiarik ere, edota, eta baliteke hau gehiegi suposatzea ere, ez dela aspalditik inorekin berbetan goxo-goxo eta batez ere hain patxadan egon, hau da, inolako erantzukizun gabekoan. Azkenean iritsi gara Kikek emandako helbidera hainbat kale eta kantoi arin-arin zeharkatu eta gero, eta orain arte bizi izan dugun arrisku bakarra neure bezeroaren zapaten takoien desoreka izan omen da. Horra hor, orain dela gutxi goitik behera berritxuraldatu egin duten eraikina, Alde Zaharreko Erdi Aroko etxebizitzen kutsua ustez edo behintzat errespetatu nahian, hau da, alforjazkoak deritzaten adreiluzko hormak zein zurezko habeak apaingarri gisa utziz, baina barrutik, ostera, den-dena berri-berria, osagarririk aurreratuenak eta garestienak erabiliz eta lekua behar bezain larrien aprobetxatuz begietara, antza, ahalik eta zabalen eta erosoen eraldatzeko. Bigarren teilatupe bateraino igotzen ari gara. Eskaileran gorantz goazela pisua, aurrenekoak baino eskailera sendoago bat izateaz gain, orain dela gutxi arte arkitekto batena izan dela jaki- narazten diot nire bezeroari. Goraino iritsi eta, orain arte guztiz ezezagun nuen neska honekin hasiera-hasieratik zeinen ondo konpontzen naizen, zein gustura egiten dudan hitz eta pitz, zein gutxi aspertzen naizen gogoeta eginez, atikoko atea zabaldu dut. —La vas a dejar boquiabierta. Gaitzerdi, aspaldiko partez edo Kike zuzen zegoen, alafede. Etxeak ia arnaestuka egindako lasterketa merezi izan du. Laura —dagoeneko, hau da, honaino elkarri begiratzeke gentozela, bere izena eman dit-eta— harri eta zur gelditu egin da, ziur asko ni bezainbeste. Ageri da ez zuela inola ere halako etxe zabal, eroso, garbi eta batez ere horma-banaketarik gabeko bat espero. Arkitekto batena da, berak moldatu zuen ahalik eta leku eta bereziki argi gehien izatearren, horra hor ba, lekuko edo bitarteko gisa edo, etxe barreneko sukaldearen atzean topatzen dugun leiho handia, lorategi ezkutu edo behintzat eraikin artean babestu batera jotzen duena. Leiho horretatik, egunez apika argia barra-barra sartzeaz gain, beherantz begira ez du ematen Alde Zaharreko pisu batean gaudela, hiri inguruko txalet xume eta sano dotore batean baizik, seguru asko hiriaren goialde honetako haize garbiaz gozatzeko aukera ezin hobea, luxu bat. Gainerakoa, izugarri handia eta garbia, lehenengo maizterrak ia-ia altzairu guztiak utzi arren, altzairu minimalistak bainoago minimoak eta gehienbat pisuari eman nahi omen zion kutsu ultrafuntzionalaren apaingarri modura. Niri dagokidanez begi zabalik, ez baldin bada erdi zoraturik ere, jarraitzen dut bitxikeria honen topaketaz, eta burutzen zaidan aurrenekoa zintzilikatuta dauden metalezko apaletan utzitako lekua aipatzea; zeure liburuak kokatzeko, esan berri diot izugarrizko aurpegi zein ahots ergel batez. —No sé cómo agradecerte las molestias que te estás tomando. Ez dakit zer erantzun, kalean geundela berbajario jardun dut nire nondik norakoen kontura, hain urduri nengoen-eta, baina orain mintzogabe nago, benetan aho zabalik. Hori dela eta, eta nire eginbeharra zein den supituki gogoratuz, sabaian egindako bigarren solairu bateraino laguntzeko eskatzen diot. Badirudi arkitektoak, beheko adreilesi guztiak amildu ostean goiko parte berri hori nola edo hala eraldatadu egin zuela logela gisa. —En cuanto a los materiales... Esku keinu sotil batez adierazten dit ez dudala xehetasun hutsaletan sartzeko inolako beharrik edo gogorik. Bistan dago arkitektoak lan bikaina egin zuela etxea eta geure ustez estudio modura ere erabiltzen zuen teilatupe hau bere gustu txit funtzionalera txukun-txukun moldatze aldera. Hemen nirea bezalako txaletetxo batean baino goxoago egongo zara. Esatekotan nengoen, baina badaezpada gehiegizko konfiantzazkotzat hartuko zuen isildu egin naiz. Dena dela, bere aurpegi guztiz irribarretsu eta asetsua ikusi besterik ez dut egin behar bere kautan ere nirekin bat datorrela asmatzeko: bai mauka handia hauxe! — En serio, no sé cómo... Fitsik ere ez esateko erregu egin diot. Nire lana besterik ez dut egin, nahiz eta, zalantza barik, hilabete guztiotan lehendabizi gogoz eta atseginez bene-benetan egin. Eta hain ezustean harrapatu egin nau ezen, eta honezkero beti bere begiratu zorrotzetatik ahalik eta disimulu gehienez ihesi, hau da, etxe-saltzaile modura nire ustezko betekizunetako bat bailitzan, etxeko zoko guztietan arakatzen ari nintzela bar-altzairuan topatu berri dudan botila bat Oportoz baliatuta, eta beti bere erabakia ezin zuzenagoa, elkarrentzako ezin egokiagoa, ospatzearren, edalontziez ozen-ozen topa egitea proposatzen diodan. —¡Por un acuerdo satisfactorio para las dos partes! Bat-batean isilune luze, oinazegarri zein amaigabeko bat. —Decidido, me lo quedo. III Gaur goizean oso berandu iritsi berri naiz agentziara, eta Kikeren aurrean aitzakiak emateko edo aiko-maikoetan hasteko astirik izan aurretik, nik uste bere lagunetako bat behingoz bilakatzeko asmotan edo, den-dena, hau da, bera bezalako astapotro batek bakar-bakarrik asmatuko zituen mota guztietako detaile lizun zein zikinez, jakinmin duela adierazten dit. Berriro ere, hau da, egunero edota une oro legez, popatik hartzera bidaltzekotan nago. Bai, aski dut nire lankide maiteak ezagutu nuen lehenengo egunetik duen uste txarra behin berriro areagotzeaz. Ez nau, ez, oso aintzakotzat hartzen. Hogeita hamazazpi urte, oraindio bizitzan funtsezko ezer egin gabea, hots, urteak pasa ahala nolabait aurreratu egin dudala adieraz dezakeen zerbaiten jabe, ez etxe propiorik —pantanoko txalet tippia osabaren ezagun batek alokatzen dit-eta—, ez benetako automobilik, ez eta hau guztia eskuratzeko premia, kemen edo denborarik ere, eta gutxi balitz bezala ere eman nuen urrats bakar eta benetan erabakikorrean ere porrot garbi-garbia egindakoa, banatuta eta noizbehinka bakarrik ikus dezakedan seme batekin, bere moduko benetako gizonezko bati sekula eta inola ere jazoko ez zitzaiona, eta horra hor ni bezelako koitadu guzti-guztiak inolako erreparo barik gutxiesteko zio nagusia. Eta hau guztia bart mamizko ezer suertatu ez zela adierazi izanagatik. —Ez zen ezer gertatu. Ezin da inoiz ezer gertatu bere moduko neska handiusteko eta larrusendo batekin. Azkenean eta ia ezinbestean sinistu egin dit. Ziur asko gogoratu berri du Laurak berarekin ere oso zakar jokatu zuela bere berezko harropuzkeria lizunari aurre egin behar izan orduko, orduan nirekin zergatik ez?, nola ez? Beharrezkoa da bera bezain gezurrontzia den norbait Laura bezalako emakume baten kontura asmakizunetan lasai asko denbora alperrik galtzeko, eta ni, tamalez, ez naiz batere berritsua, ez naiz sekula izan, ez behintzat nire amesgaiztorik gogorrenetan ere bururatuko ez zitzaidan lankide zatarrena limurtzeko bezainbeste. Egia esan, ez zuen nigandik besterik espero. Hala eta guztiz ere, eskerrak ere ematekotan nago. Nola ez, berari esker bakarrik ezagutu ahal izan dut Laura, gaurgero nire Laura maitea. Eta ezustean ere esan zidan ni musukatzeko irrikan zegoela. Bigarren kopa Oporto ote zen, berehala burura igo zitzaion ardo gozoak eraginda, agian elkar ezagutu genuen aurreneko unetik biziro bero-bero irrikan zegoelako, nik bezainbat desideratzen zuena, sikiera nire antzera ametsetan edo betidanik halako zerbaiten zain egon zelako, eta batez ere, berak ondo baino hobeto azaldu zidanez, egundoko gogo bizia zuelako. Bai, gogoa, pelikuletan soil-soilik suertatu ohi diren ustekabeko topaketa ero, lizun, ia pornografiko bat izateko. Bat-batean Hollywoodeko antzezle bihurtua, agian ez izar handi haietako bat, agian ere bigarren mailako bat edo, zin-zinez esateko, pelikula porno bateko amateurra ez beste, eta baliteke ere horregatik bart bizi zein gozaturiko guzti-guztiaz oroimen fotografiko eta batik bat lizunerako pelikula bat moldatzeko berebiziko ahaleginak egiten ari naizela, egunsentian Alde Zaharreko etxetik nire urtegi ondoko etxerantz ezin nahastu eta alaiago alde egindakoan. Ezin sinistu Laura ikusterakoan lehenbizi markesa galanta begitandu zitzaidan sagu sudurreko neska argal eta mazal horrekin oheratu izana. Ez dakit bart izara artean egindakoa nire ogibide berriaren arauekin bat datorrenentz. Kikerenekin behintzat bai, duda izpirik gabe, berak behin baino gehiagotan aitortu bezala, kontratu on bat sinatzeko denetarik egiteko gauza da-eta. Ez dakit, beraz, nik ere antzekorik egin dudan, hots, nire lehenbiziko kontratua osabaren agentzian landalan jardun dudanez geroztik. Hots egin behar diot lehenbailehen kontratuaren nondik norakoez berba egiteko. Nik ez nuen bilatu, ez nintzaion oldartu bere musuaren bila, nik ez nuen ezer egin berak ni musukatzeko erabakia har zezan ezustean, zoro moduan hobeto esanda, ia goitik behera irentsi nahi ninduela, di-da biluztu eta ohera iritsi aurretik nire zakilaren jaun eta jabe egin zela marisorgin baten antzera, ohe ertzean bertan esererazi eta nire narritaduraren ikurra ahoratu orduko zeruko ateak ikusi nituela, atejoka hustu nintzela lehenbizikoz. Bestalde, nola eutsi niretzat gaur arte indarrean zegoen kodigo bati Laura bezalako neska jator eta eder baten aurrean, nola ez makurtu bere ezpainetan marraztu eta mota guztietako lizunkerietarako bide ematen zuen irribarretxo oker eta lohi hartara. Sekulakoak izan ziren izara artean eman genituen minutu amaigabekoak, denborarik egon baldin bazen behintzat, ohean bageundela hain mingarria eta gupidagabekoa den denbora supituan erabat gelditu zela sinistuta bainoago, gure gorputz biluzi biak eta ordura arte inorekin eta inola egiten otu ez zitzaizkidan haragikeria guztiak, gure bi gorputzen zirrikitu guztiak aztertzea zein laztantzea lege bakarra izan bagenu bezala. Ordubete edo pasioaren gatibu, baita aspaldiko zein aparteko arduraz eta atseginez, eskuartean, hankartean ere, ia iltzaturik nuen emakume ezezagun horrekin beste behin gozatzeko parada izango ez nuelakoan. Gau bateko lorea. Biharamunean, ez, biharamunean ez, gustatuko baina ez, txortan egin eta gero, ezin baldarrago jokatu nuen, nirekin ohean etzanda zegoen neskato pinpirina ikusita, eta lotsak eraginda, arineketan jaiki eta jantzi nintzen-eta. Nora nindoan itaundu zidan. Nola aitortu ez nintzela azalean nabarmen-nabarmen nuen lotsagatik aurpegira begiratzera ausartu, badudala oraindik nire gainean, hamabi urterekin Duranako ikastolera aldatu aurretik, nire aurreneko eskola urteetako abadeek ondo baino hobeto erakatsi ohi zizkidaten beldur eta lotsa guztien zantzua, urtetan nire burutik uxatzeko zein ukatzeko mota guztietako eginahalak egin arren, batez ere jasotako heziketaren atzean ezkutatzen zen ideologia atzerakoiaren kontra, edo hori behintzat zen nik urtetan gogoz eta bihotzez uste izan dudana, eliza kutsuko edozein gauzaren kontra harrika egin behar dudalakoan beti printzipioz, funtsean zena inkontzientetik ihesi egin nahi bezala, baina beti haiek ezin eraginkorrago irakatsi bezala ere, hau da, euren Kristoren urratsen atzetik, txiroen alde bizia emanez baina oraingoan misiolariaren biblia barik, oraingoan, berriz, ezker-muturreko borrokalariak tabernarik taberna banatzen zituen panfleto zirtzilen bidez, edonoiz eta edonola ere langilegoa, ustez gertuen nituen txiroak, pariak, eta aberria uztartu guran, bere bizitzaren zentzuaren bila zela, bere ondokoenak ozta-ozta arriskutan ipini egin zituena. Eta ez naiz inoiz Jaungoikoarengandik hain gertu egon bart bezala. Gaur goizean ere abade-eskolako haur ikasle xume eta lotsati hura, aspaldi barneratu fedearen aurka biraoka, berriro ere bere erruz nire zoriontasuna zapuztekotan nengoen-eta. Sekula ez bezala, goxo-goxo emakume batekin ohean eta larrutan geundela, izerdi-patsetan behar bezala, sexu galdatan hain bizkor-bizkor zihoazen gure bi bihotzak, elkarren gainean arnasestuka, inolako lotsa edo kulpa barik, bere gorputz mehe eta xamurraren arrakala guztietan usnaka, bere bular, izter, belarri eta abarretan fereka, sudur punta berezi hartan musuka, titiburuetan etengabe atximurka, hatz luzea alu bustian galduta, katu bat sagutxo harekin olgetan. Eta txortan egin orduko ohetik jaikitzen naiz bide ertzean topaturiko puta batekin egon berri banintz bezala. IV —Llamo para preguntar por lo del ático que vimos anoche. Jokuz kanpo harrapatu nau. Beharbada bestelako berba batzuk espero nituelako telefonoa hartu eta haren ahotsa entzun bezain laster. Gutxienez hitz eztiago, xaloago batzuk, konfiantza zein konplizitatezkoak, ez maitasunezkoak, bai zera!, ez eta bart izara artean iziotu zen sutearen txingarren hotsa ere. Bart ikusi genuen atikoaren nondik norakoez itauntzen zidan ahots bero edo agian amoltsu bat espero nuen soilik, inola ere ezezagun arteko gizabide hotza. Bart sekula ez bezala larrutan egin nuen, egundokoa izan zen guzti-guztia, mundiala. Eta ez, ez pentsa aspaldi egin barik nengoenez, aspaldi egiazko pasioaz egiten ez nuelako baizik, aspaldiko partez bera bezalako neskato atsegin, lirain eta fin bat topatzen ez nuelako. Alaznerekin apurtu eta gero antzeko amodio zoro edo inozo bat inoiz berriro sentituko ez nuelakoan nengoen. Izan ere, ez nuen sentitu nahi, maitasunak min egiten omen du. Ez, hori ezta egia, amodioa zoragarria da, mintzen duena desamodioa da, hau da, pasioaren ondorengo guztia, hondakin erresumindua. —....pasarme esta misma tarde a firmar el contrato. Berriro etxe-saltzaile huts bat banintz bezala, bart ezer gertatu ez balitz bezala, ohean huts egin banu bezala. Baliteke ere emakume haietariko bat izatea. —Emagaldu bat? Emagaldu, urdanga, lilitxo, pailarda, bordion, prostituta, puta, puta handi bat, putatzarra, munduko emakumerik putena. Ez, inola ez, hori ez litzateke larregitxo esatea, hori litzateke betidanik gorrotoen izan ditudan gauzetariko bat, astapotro taberna-zulo ahobero baten modura emakumezkoak iraintzea, hain zuzen ere Kike bezalako astapotro taberna-barbakoa-zulo ahobero bati egozten diodana. Onartu beharrean nago nahitaez, bai ahotsean, bai berbetan erreparatzekotan, ez bide duela inolako asmorik bart gertaturakoa gogora ekartzeko. Baliteke ere damututa egotea. Egundoko ahaleginak egin behar dituela bere txorta-gura menperatzeko eta hala eta guztiz ere... Baina ez, ez dirudi edonoiz eta edonorekin oheratzen direnetakoa. Horixe nioen nik, emagaldu bat. Noski ezetz, ezin zait bera bezalako andre dotore, harro eta buruargi bat edonoren besoetan begitandu, oso gogoko izan behar du gizonezko bat, haren tankerakoei guztiz preziatua izan behar zaien ustezko duintasuna arriskutan ipin dezan, hau da, nire moduko arlote batekin oheratzera umildu dadin birritan. Dena dela, hori baldin bada bere nahia, errespetatu besterik ezin dut egin. Baliteke berehalaxe berotzen den bakarra ni naizela, ganoragabekerietan jo eta ke ari dena ere bai. —Hay un problema. Bat-batean isilaldi luze eta ustez edo txit adierazgarri bat telefono hariaz bestaldean. Berdin dio, nire lana bete behar dut halabeharrez, gogoan esateko ditudan hamaika berba alde batera lagata. Hau da, bart ikusi genuen atikoaren jabea atzerrian dagoela, Kalifornia aldean bizpahiru hilabetez egongo dela eta bera bueltatu arte ezin dela inolako kontraturik sinatu. Erantzun dit ez zaiola batere ardura itxarotea, atikoa oso gustuko duela, itzel. Hori dela eta, eta kontuan hartuz ere atikoaren abantailak erakutsi egin nion aurreneko atikoaren aldean, merezi du arkitektoaren zain egoteak. Gainera, oraingoz haren izeko-osaben etxean oso gustura bizi da eta euren konpainiaz apurtxo bat gehiago gozatzeko parada aprobetxatuko du, badira bi egun bakarrik haren sorterrira itzuli berri dela. Ezin dugu egin bart gure artean ezer gertatu ez balitz bezala. V Azken-azkenean bizitzaz berriro gozatzeko mamizko motibo bat. Aspaldi ez nintzen hain ondo, batez ere nire buruarekin lasai, lasai asko, Laurarekin bezala. Oraingoz ezin dut esan maite dudala, baina bai berarekiko lotura gero eta handiagoa dela, nire aldetik behintzat. Ez dakit berak ere antzeko zerbait gogoan duen, auskalo. Nola jakingo ba, apenas berba egiten badugu, geure azken egunotako topaketak, hau da, Cordoneria kaleko teilatupean, guztiz arrapaladatsuak eta lizun-lizunak izan baitira, nik pasioak eraginda asmatu nahi ditut, badirudi hura beti haren osaba-izeben etxera garaiz bueltatzeko larri-larri ari dela, eurekin gaur gauean dituen ez dakit zer-nolako ezinbesteko betebeharrak direla bide edo, afaria prestatu behar ote dien edota erdi elbarri edo direla oheraino laguntzea. Hori da behintzat ematen didan aitzakia, larrutan jotzen bukatu orduko neure besoetatik albait arinen askatu eta ospa egindakoan. Hala eta guztiz ere, eta hiru bider bakarrik elkar ikusi ostean dagoneneko ezin argiago dut: Laurak berpiztu nau. —Deberíamos replantearnos todo esto que estamos haciendo, por qué lo hacemos, para qué. Eta oraindio ohean gaudela, oraindio arnasestuaren hondarrez arkitekto handiustekoaren ohe erraldoi ezin postmodernoagoan txortan ezin kemen eta trebetsuago egin eta gero, eta neure aspaldiko garai benetan bihurriagoetan bezala, erdi ezkutuka edo hiru aldiz erabili eta aldi berean ere lekuko bakarra dugun atiko erdi hutsetik alde egitekotan dagoela, Laura aiko-maiko sumatzen dut aurreneko aldiz. —No quiero que te lleves una opinión equivocada de mí. Gaixoa, ez daki aspaldi utzi egin niola inolako usterik izateari, badaezpada behin berriro kale egiten nuen, badaezpada berriz hondatzen nintzen erabat, behin betiko. Nolakoa zen atsotitz zahar hori? : usteak erdia hutsa eta beste erdia putza. Hari buruz dakidantxoaz ondo baino hobeto moldatzen naiz, hau da, aspaldiko partez ez bezala harekin ikaragarri zoriontsua naizela, egia esan inoiz ez bezala, eta ohean edo nire ondoan etzanda goxo-goxo izan ez ezik, arratsaldeko ezkutuko topaketa hauetaz gogoeta egiten dudanean ere, agian batez ere harekin gogoeta egiten dudanean. Nire ustez ez dut inolako eskubiderik nirekin zerbait mamitsuagoa edo agian iraunkorragoa izan dezan eskatzeko, arrapaladan izan ditugun topaketa hauetaz landa zer edo zer. Ikusi, besterik ez dut egin behar, edo gogoratu, Laura nire gainean edo azpian larrua joka, eta bera aspalditik ere, eta agian neurri berezi eta niretzat guztiz ezezagun batean, txortagurak zegoela begitantzen zait. Bestela ez zait kasketean kabitzen ohean jaun eta jabe izateko duen irrika eroa. Ez dit inolako aukerarik ematen, ohean etzan orduko nire gorputzaz jabetzen da eta biok asetu arte ezin diogu elkarri zentzunezko ezer serio-serio eta ozen-ozen esan, arnasestuka baino edota hilzorian bagina bezala. Nire urtegi ondoko etxeraino eroan gura zaitut. Atzera egin du, nire ateraldiak apurtxo bat ikaratuta. Ageri da bizkorregi goazelakoan dagoela, horregatik susto ederra hartu du ustekabean, ez baitu niregandik antzeko proposamenik espero, biok orain arteko elkarrekiko arduragabekeriaz guztiz konforme geundela uste zuen-eta. Egia esan, eta baita berak ondotxo adierazi egin didanez ere, ez du gogoeta handirik egin gure arte- koaz —nolabait esateko oraingoz inolako izenik jartzeko ausartzen ez naizena—, agian ez zuelako, ezkutuko txortaldioz aparte, besterik gura edo espero, batez ere ni bezalako gizonezko osasuntsu, heldu eta diskretu bat topatutakoan, adinak zein nire egoera pertsonalak, hots, banatuta eta oso lantzean behin bakarrik dakusakedan seme batekin, eraginda inolako eragozpenik emango ez ziona. —Deberíamos replantearnos todo ésto, adónde vamos, quiénes o qué somos en realidad. Nik egina badut eta horregatik hurrengo topaketa, gure artekoa benetan aurrera joan dadin benetan nahi izan ezkero, nire urtegi ondoko etxean izan behar dela horrenbestez azaltzen diot, beharbada oso makala den aitzaki bat gaineratuz; Kikeren jakin-minaren beldurra. Ez baitut inola ere ezkutuan erabiltzen dudan giltzaren falta sumatu orduko zer edo zer asmatzeko motibo franko ematea, kontuan hartuta, batez ere, nire lankidearen berezko maltzurkeria, hau da, bera bezalako saltzaile lukurreroei berezkotzat egotzi ohi zaiena, beti zelatan ea edozein huskeriarengatik hanka sartzen dudan, nire uztez berehala nire osabarengana kontuaz joateko, niri egindako mesedeari zein muzin eta oker erantzun diodan erakustearren edo. Usteak erdia hutsa eta... Laura, ostera, ez dago oso ados nire bat-bateko eskakizunarekin, badirudi inoiz gainditu behar ez nuen mugaz urrunerago joan berri naizela. Badirudi ere oso argi eta garbi duela, horregatik aitortzen dit bere sorterrira itzuli dela asmo bakar eta sendo batez, lasai ondo bizitzera eta eragozpen zein nahi handirik gabeko lan batean murgil/aspertzera. Geurea, gure artekoa, beraz, denbora-pasa moduko zerbait begitantzen zitzaion, besterik ez, itzulera apurtxo bat arinago, goxoago apika, egiten zion ustekabeko istorio laino bat. —No quiero que te lleves una opinión equivocada de mí. Nola ez esan harengandik espero nuen bakarra hauxe zela: nire aldamenean urtegi zabalera ahoa zein begiak zabal-zabalik egotea. Askotxo kostatu egin baitzait, hamaika aitzakia zein erregu eman eta gero, merezi didan garrantzia sinestaraztea, batez ere Kikeren mihigaiztokeria argi eta garbi azalduta. Ez zuen inola ere ni laguntzea nahi. Egia esan, bazeritzon gehiegizkoa, oraindik oso ondo bereizten ez zekien zerbaitera behartzen zuelakoan edo. Hala eta guztiz ere, eta nik bakarrik dakidanez, eta behin eta berriro erreguka egin ostean, Laurak men egin du bihar larunbata izango den aitzakiaz. Honaino gentozela, aldiz, ezin urduriago ematen zuen autoan etengabe zabuka edo, azienden nondik norakoak eragozteko zoruan jarritako burdinsareak zirela-eta, jauzika, guztiz okerra eta meharra den bigarren mailako bide erdi asfaltatu berritik. Infernuraino edo neramala beldurrak egon da harik eta azken urteotako eraikitzaile lukurreroen neurrigabeko arrakasta delakoak oraindik orain bere errautsetatik aterata berpiztu egin duen Bagoeta herrixkara iritsi garen arte. Etxera sartu garela, ostera, ikaratuta ez, harri eta zur geratu egin da, gaixoa, zurbil eta guzti. Errua neurea izan da, ez baitut betarik ezer konpontzeko, biltzeko, garbitzeko edo bederen apurtxo bat abegikorrago uzteko. Den-dena zegoen hankaz gora, hau da, bakarrik eta gehienetan inolako ardura barik bizi den gizonezko baten modura, eta utzitako anabasaz gain, nik uste etxearen beraren txirotasunak ere eragin handia izan duela Laura txunditzerakoan. —Supongo que no me habrás traído hasta aquí para que te recoja la casa. Irribarretxo maltzur bat egin eta atoan biok ohera zuzen-zuzen berriro. Agian ordura arte ez ezagututako esku/hanka/laztan/musuzabaltasun batez ere, larrua joka ihardun dugu. Bizpahiru isurialdiz gero urtegiaren gaineko ilunkeraren aitzakiaz Laura ohetik jaiki, nire gaurko elastiko urdina jantzi eta logelako leihoa ziplo zabaldu egin du. Urtegi ondoko etxe batean bakar-bakarrik bizi den gizona. Horra hor hemen bizitzeko zio bakarra, hiriko zaratots zein mihizgaiztoen marmarretik hainbat urrunen bizi nahia, baso, larre eta nire urbanizazioaren ondoko pagadi artean, ezin lasaiago nire etxearen osteko mendilerroaren itzalpean edota urtegi aldetik heltzen zaidan sosegu likido-telurikoaren eraginpean. Leihoa zabaldu ahala, edozein arima baretzeko moduko postalezko ikuspegi atsegin horrek ni ere arrunt zoratzen nau, ia egunero. Alabaina, ez zait sekula bizian gustatu herri txiki batean bizi izatea. Ezta nirezko bizi esparrua ere. Nahiz eta inguru honetako edertasun zein baretasun amaigabekoaz gozatu, nekazal giroa beti arrotza eta batik bat bihozgogorra ere begitandu zait, nire oraingo eta geroko nekazal-zaletasuna itxurakeria besterik ez da izango. Hileak, egunak, urteak pasa ahala, badago beti zer edo zer, ez dakit kaleetako joan-etorriaren bakakardea edota taberna falta hutsa, nahitaez atsekabetzen nauena, nire burua kaletar peto-petotzat jotzen dut-eta. Jakina, Laurak ez du hitzen beharrik honaino etorritakoaren zergatiaz galdetzeko. Nire hiritik kanpo urtetan bizi naiz eta ez nuen inolako gogorik lehenagotik lagun edo ezagunak ez beste ziren gizakumeen artean bizitzeko, ondotxo dakizunez, behartuta bakarrik itzuli naiz, ez bainuen nora jo ez baldin bazen nire senitartekoen altzora, babesera, hots, nire osabaren agentziara. Lagunik? Izan nituen adiskide edota lagun guztiak nire ustez gehiegitxo koskortu eta agian mantsotu ere egin dira. Gainera, geure bideak ere nahikotxo bereizi egin dira nahitaez, oso noizean behin bakarrik elkartzen gara eta berehala konturatzen naiz dagoeneko ez dudala eurekin mamizko ezertaz berba egiteko gogorik edo adorerik, dagoeneko euren kezkak eta neureak oso bestelakoak dira, egia esan nire aspaldiko adiskide edota lagunengan nire betiko gurasoak zein eurenak isladatuak, kalkatuak, ikusten ditut, eta horrek, nola ez, biziro izutzen, uxatzen, nau, batez ere kontuan hartuta bai nik, bai haietariko gehienek ere, euren gurasoen bizi eta ikusmoldeen aurka esan eta egin ohi genuen guzti-guztia. Inoiz koskortu nahi ez duen berrogei urte inguruko gizona. Baliteke, garai batean, ostera, euren modura ere koskortzen saiatu nintzen, hau da, familia bat sortu eta, aspaldiko borrokak zein herrak alde batera lagata, derrigorrezko gizonezko zintzo bat izateari ekin nion. Porrot egin nuen neure izaerari uko egitea bakarrik lor ziezaiokeen alferrikako saio batez, bai nire orduko emaztearekin, etorkizuna bermatzeko saioetan eta zer esanik aita gisa. Egunetik egunera nire burua lehenik kartzelan eta gero kale gorrian ikusi eta gainera esku hutsik. Horrezkero, gutxien arduratzen nauena gainontzekoen begien aurrean behar edo espero bezalako gizonezko zintzo, otzan edota esaneko bat agertzea da. —Baina, hain bihurria al hintzen? Beldurrak nago ezusteko aitorpen honek Laura uxatuko duen behingoz. Esan badit aldez aurretik ez duela nirekin ezer seriorik nahi, are gutxiago elkarrekiko etorkizun asmorik edo, utikan geroa!. Egia esan, eta txantxetan edo, esan badit ere balizko etorkizun bat bilatu ezkero ezin zaiola ni baino hautagai txarragorik, ezegokiagorik, arriskutsuagorik begitandu. Eskertu egin diot zintzotasuna, ezinbestez. Laura zuzen dago, ez nuen besterik espero bera bezalako emakume buruargi eta batez ere zuhur batengandik. Dena dela, bai teorikoki nire semearen amarekin ezkondu aurretik eta bai esperientziaren bitartez berarengandik banandu ostean, emakumeez inola ere ez fidatzen eta areago gogoan ez hartzen ikasi egin dudalakoan nago, ondotxo jakinda ere nire oraingo misoginia babes edo zuribide moduko jokaera inozo bat besterik ez dela. Gezurrontzi hutsak dira, batez ere sentimenduei dagokienez, etengabeko disimulu bati eusten baitiote helburu bakar batez, hautatu duten harrapakinaren gaineko kateak apur-apurka gero eta tinkoagoak bilakatzearren. Zuk ere ezin duzu esandako hori seriotan hartu. Baina ikaragarri gustatuko litzaidake benetan sinistea, aitzakia bikaina bailitzateke gaurdaino egon garen bezala luze jarraitzeko, ez baita Laura bakarrik inolako konpromisorik gabeko harreman baten bila dagoena; nik ere bera bezalako ohaide baten zain nengoen aspaldiko partez. Eta behin berriro ea gaztetan oso bihurria izan nintzen etxean zein kalean. Zenbateraino jakin nahi luke? Hobe dugu hori bertan behera uztea, esango diot soilik kartzelera bidean ipintzerainokoa izan zitekeela. Zenbat eta elkarrez gehiago jakin, gero eta okerrago hain gogoko dugun ustezko libertade arduragabeko honetarako. —Beraz, ez duzu koskortu nahi? —Auskalo! Askeak izateko, bene-benetan askeak, hau da, elkarrekiko erantzukizun bakarra oheko izaren azpikoa, orainaz behar beste eta iraganaz aipatzekorik ez, horrela bakarrik jakingo dugu batzen gaituen apurrak ez duela inolako etorkizun asmorik edo aukerarik. Laura ezin da konformeago egon, horregatik, izandako elkarrizketa ezinbestekoa izanda ere behin betiko agortu delako, leihoan haren ondoan jartzeko eskatzen dit, aurreko zuhaitzok pagadi bat al dira? Nola du izena ondoko herri horrek? Eta urruneko mendi haiek? — No me imaginaba que hubieses sido tan rebelde. Une batez duda-mudatan adinaren kontura bakarrik zirikatu nahi nauen, bestalde, benetan jakingurak dagoen nire iraganaz. Politika kontuak. —Ah, bueno, entonces no quiero saber nada. Eta nik ez nuen besterik espero hain gaztea eta itxuraz behintzat apurtxo bat konbentzionala ere ematen duen neska batengandik, hau da, gaur egungo edozein gazte arruntengandik, eta guztiz gain ere kanpotik etorritako batengandik, Laura hemen jaio, baina oso haurra zen bere familia Madril aldera bizitzera alde egin zuenean, hots, ez duela nekez, eta zorionez, Euskal Herriko sasoirik gatazkatsuenak ezagutzeko edota hemen bizi izandako bipolarizazio nazkagarriaz blai egiteko paradarik izan. Bestalde, horixe da ere harekin hain gustura egoteko beste oinarrizko motibo bat; politika, berez hain gauza arbuiagarria, saihesgarria izanda, ez dela inola ere gure artekoan oztopo edo auzi-biderik izango. —Al menos espero que no tuvieras nada que ver con esos hijos de puta de la ETA. Laurak, lehenago guztiz kontrakoa esan arren, badirudi berehala damutu egin dela. Ez da harritzekoa, ETA bezalako talde batek edonorengan, hau da, nire aspaldiko modura aldez aurretik maximalismo politiko-etniko batek pozoitua ez den edozein pertsona zintzoarengan, sortzen dituen arbuioa edota gorrotoa kontutan hartuak, aitonen seme den edonorengan, noski. Honez gain, Laura gaur goizean, nire bigarren solairuko leihotik zeruertzera edo guztiz ezaxola begira dagoela, inoiz baino berritsuago eta estreinako aldiz jakingurago, nireak zer- nolako kontuak izan ziren asmatu nahi du. Noiz edo noiz gertatu behar, hau izan da nire azken urteotako jokaerarik baldarrena, arduragabekoena, nire aurreiritzi toxikoez bizitzari aurre egitea. Hori dela eta, norbait ezagutu eta segituan nolabait epaitu eta sailkatu egin behar du haren ondoan ziur eta eroso sentitzearren, bestela berehala artegatzen naiz, ez dakit zeren beldur, seguru asko ezusteko salaketa baten zain edo atzetik etorrita zoro-zoroan, biraoka zein ostikoka, oldartuko zaidan norbaiten beldur. Ezin dut, beraz, egin Laurari nire kontuon nondik norakoak axola ez balitzaizkio bezala, zertan ari nintzen aspaldian, zergatik atxilotu ninduten, zenbat urtez. Nola ez arduratu, gainontzeko gizakume guztiak, aldez aurretik inolako jarrera politiko barik edota gure liskarraren gorabeherak azalez bakarrik ezagututa ere, nola edo hala arduratu behar dituenaz; erailketak, leherketak, mehatxuak, inola ere normala ez den herri baten aurpegirik hitsena, gaitzesgarriena, itsusiena. Behin berriro gezurraz baliatuko naiz errealitate petral eta mingorrari aurre egiteko, oraingoan inola ere galdu edo uxatu nahi ez dudan neskato pan-pox honen behin-behineko oniritziari eustearren. Gaur egun ez naiz batere harro aspaldiko kontuotaz. Aurreneko gezur hutsak, ostera, ez dit askotxo lagundu Lauraren susmoak alboratzeko, haren begitarte zimurtua lekuko. Amaigabeko isilune baten ostean, azken aste honetan Laurarekin bizi eta batez ere gozatutako guztiaz gogoeta azkarra egiteko bezainbestekoa, Laura bezalako erdi-madrildar eta ustezko mari-apain atzerakoi baten aurrean nire iraganaren bekatu larria behingoz eta behin betiko aitortzen saiatzen naiz. Noizik behin parte hartu ohi nuen Herri Batasunaren mitinetan zein manifestaldietan. Hori da guzti-guztia, edo behintzat nik hala izatea nahi dudana. Lauraren begi eder eta inoiz baino zorrotz eta distirantagoak nire gainean iltzaturik antzematen ditut. Aiko-maiko dagoela begitantzen zait, ez dakiela zer erantzun edo nola jokatu aurreneko aldiz edo ezagutu berri duen balizko ETA-zale baten aurrean, orain arte ohaide izan duen gizonak berari guztiz ulergaitza izan behar zaion hiltzaile batzuen pentsamolde berbera noizbait eta nolabait defenditu izan duela. —¿Tú eras de los que creían que el fin justifica los medios? Ezustean harrapatu egin nau Lauraren galderak, dagoeneko ikaragarri gogait eginda nago, beharbada azken urteotan baino gehiago, oraingoan baitaukat neure aurrean benetan estimatzen dudan emakume bat, orain dela gutxi arte, kartzelatik irten baino pare bat hilabete lehenago hain zuzen, emazte nuen borrokaide pospolin eta ikaragarri bihozgogorrarekin ez bezalakoa, orain arte inork ez bezala liluratu egin nauena, haren ondoan inorekin ez bezala ere ezin gusturago eta batez ere libre sentiarazten nauena, inolako duda barik ere neure egia, egia borobila, merezi duena, baina inola ere eman ez diezaiokedana. Gaztetan beti oker zaude printzipioz edo inertziaz, orduko giroak bultzatu ninduen orain guztiz gaitzesgarriak, zitalak eta batez ere okerrak begitantzen zaizkidan bitartekoei laguntzera. Lauraren begirada berriro leihoaz bestalderantz zabal-zabalik, goizero jaikitzen naizenean so egiten diodan urtegi urdinkara eta ene gogoan behintzat lasaigarriari atxikita. Badirudi arnasa hartu behar duela urtegi horretaraino luzatzeko moduko haspeen sakon bat egiteko edo, badirudi ere nire aitorpenak nik espero baino zorrotz edo sakonago atsekabetu egin duela. Ez dut ulertzen, batez ere gauden herrian egonda, bizi izan ditugun urteak gogoan hartuta, urte latzak, ikaragarri latzak guztiontzat, alde batean geundenontzat zein besteontzat ere, azkenontzat apurtxo bat gehiago apika, azken finean eurek ETAren bortizkeria neurrigabekoa pairatu behar izan baitzuten nahitaez eta guk honek eragiten zuen zapalkuntza poliziala eta inola ere bezainbestekoak izan ez ziren Estatuaren gerra zikin eta isilaren bidegabekeriak, bidean galdutako zenbait lagun eta gure senitartekoei eragindako samina. Kostata, baina ni ere konturatu nintzen, azken-azkenean, neure borroka-kideen egoskorkeria ideologikoaz edota itsukeria moralaz, horregatik gaur egun aspaldi sinesten eta defenditzen nuen gehienaren aurka nago, horregatik ere politikaren joku zikinari muzin egiten diot, ez dudalako inolako gogorik berriro barreneraino hanka sartzeko, behinola erabat okertu bezala, eta Laurari ondoko hau sekula aitortuko ez diodan arren, honezkero nahikotxo kontatu egin diodalakoan, nire etorkizuna kolokan eta batez ere maite ditudan gurasoak zein semea ere ozta-ozta oinazera bidean jarri egin nituelako. Hau guztia horrela izanda, eta beharbada berak ez dakiena ere, inola ere jakin ez lezakeena, niri dagokidanez inoiz jakingo ez duena, orain naiz ni atsekabetzen dena, Lauraren jokabidea gehiegizkotzat jotzen dut, berak ere orduko borroketan parte hartu edo zerikusirik benetan izan balu bezala, hau da, bere adinaren arabera ez dagokion benetako edo mamizko ezagumendurik balu bezala, hau guztiaz aparte bizi izan balitz bezala. Galdetzekotan nago, jada apurtxo bat aztoraturik, sumindurik, ea ETAren bortizkeria errotik gaitzesteko nik baino motibo gehiago duela uste duen. ... no quiero saber nada. VI Laurak ez zuen nire iraganaz ezer jakin nahi eta nik bihotz-bihotzez eskertu egin nion. Ez nekien, ezin nuen jakin, baina kontutan hartuta nire nerabezaro zoroa hobe nuen tutik ez esatea, batez ere Madriletik etorri berria zen neskato baten aurrean, orduko giroa zer-nolako ustela zen hamaika aldiz azalduta zer egin edo pentsa ez zekielarik egongo zena, ezin izan baita nire garai hartako mundu zalapartatsu eta ikaragarri hertsi eta bortitzetik at bizi den edonorentzat oso atsegina edo erakusgarria telebistan sarri askotan ikusi ohi dituzun basakerien egileen lagun batekin oheratu zarela jabetzea. Baina ni oso gaztea nintzen, orduko giroa eta gaur egungoa guztiz bestelakoak dira, ni ere izugarri aldatu egin naiz, goitik behera, kostata, baina gartzelak ere dezente lagundu dit, gogoeta egiteko batik bat. Gaur egun bortizkeria mota guztiak gaitzesten ditut, alafede. Nolabait ere, baliteke Laurak hori inola ere ez ulertzea, baliteke bera bezalako milioika gizakumek berdin egitea, nik neuk oraindik ere ulertzen ez dudan bezala, ez behintzat orduan egin bezala, neure konpromisoa norainokoa izatera heldu zen jakinda, bost axola niri garai hartan bizi edo sartuta egon nintzen giro benetan itogarri eta eroak eraginda-edo, hots, ezagun nituen lagun zein gertaeren eragina, dena delakoa, eta zinez diot, zeharo damutzen naiz, dagokidan heinean bederen, ez baitut inolako gogo edo asmorik Kristoren modura munduko pekatu guztiak nire bizkar hartzeko. Bada, orduan, betiko gorde eta isildu behar izango dudan zerbait, ez da bakarra izango. Bikote artean antzeko sekretuak oso ohikoak baitira, nire ustez ezinbestekoak gure harremana behar bezala aurrera joan dadin, egia ez baita beti berez onuragarria, maiz ere egia itzel kaltegarria izan daiteke, batez ere badabilena oztopatzeko modukoa denean, eta geure artekoa ez dabil batere gaizki, ikaragarri ondo baino, geure artekoa inoiz izan dudan harremanik asegarriena da, inora ez doazen —ez baldin bada betiereko bizimodu hutsal batera— harreman gehienak bezain atsegina, goxoa eta batik bat lasaia, eta hori da, nire emaztearengandik banandu eta gero, makinatxo bat amets eta egitasmori muzin egin eta gero, nire gaur egungo bizimoduaz nola edo hala moldatutakoan, gogokoen dudana: lasaitasuna. Ez dago esan beharrik berak ere zer edo zer niri ezkutatzeko munduko eskubide osoa duela, jakina. Hala onartu egin behar dut nahitaez, hau da, elkarri ezer esan barik, gogoz bakarrik apika, geure hitzemanik gabeko akordio bakarra. Dena dela, Laura, sikiera puskatxo bat, azaletik soilik, ezagututa, nire Laura ederra eta buruargia, nire Laura bihotz handia, Madriletik ni maitatzeko propio iritsitako emakume mari-apaina, haren sorterrira aspaldiko partez itzulitako neskato pinpirina, ez dut zertaz kezkatu behar, hain gaztea izanda eta hain urrutitik etorrita niri azken urteotan behin eta berriro aztoratu egin gaituen ditxosozko gaiaz inolako zerikusirik edo jakin-minik izango ez duelakoan. Eta horixe da, neurri handi batean ere, Laurarekin hain gustura, lasai asko, tarteka esne mamitan ere, egoteko beste funtsezko motibo bat, aspaldi deskubritu bainuen gauza pila dagoela ditxosozko gai hori behingoz alde batera lagata, hain zuzen ere, urte askotan arduratzen ninduen bakarra izatera heldu zena, bizia zeharo irauli eta izorratu egin zidana. Eta nik aspaldi ere zin egin nuen harrezkero nire buruaz bakarrik arduratuko nintzela. Laurak ere arduratu nahi bezala, bere amarengandik ihesi etorritako alabatxoa, bere jaioterrian senitartekoak baino ez dituena, egunak hurrenez hurren euren osaba-izekoen etxetik lanera eta lanetik nire etxera iragaten zituena, konfiantzako gizabanako bakarra ni nauena, hiri honetan, munduan agian, hain bakarrik dagoena. Lauraren bakardadea neure presentziaz betetzen saiatzen naizela dirudi; bestela ezin dut inola ere ulertu zergatik ari naizen bera bezalako neskato eder, lirain eta azkar batekin ohe-jokoetan, ezin baitut amodio berba inondik ere erabili gure arteko edade aldea hain agerikoa izanda eta orain kontura ez datorren beste hainbeste bateraezintasun, esan nahi dut, sozio-kulturalak edo antzekoak, nik behintzat ez hain aspaldi aintzakotzat hartu ohi nituenak. Argi dago biotako bat gutxienez denbora alperrik galtzen ari dela, biotako batek etorkizun oparoago bat merezi duela, biotako batek noizbait eta nahitaez sufrituko duela. Noiz edo noiz bertan behera utzi behar izango dugu, ni behinik behin eta egia esan ia hasiera-hasieratik uztekotan nago. Ez naiz ausartzen ala ez dut egin nahi, baina, oso laster da, geurearen hastapenetan gaude eta ez litzateke oso bidezkoa hain zoriontsuak, edo agian axolagabeak bakarrik, garela dena egunetik egunera supituan uztea. Denborak lagunduko dit/digu, menturaz. Gaur larunbatean, esaterako, eta Bilbon geundela, Laurak ditxosozko Guggenheim ikusi gura zuen, hau da, gaur egungo ezinbesteko bisita, nahiz eta ni hamaika aldiz barruan egon eta oraindik barruan, noizean behingo erakusketaren bat alde batera lagata, mamizko ezer ez topatu, eta betiere gero eta konbentzituago benetako erakarpena eraikinaren xarma ukaezina bera dela eta ez besterik, hau da, barruko ia guztia aitzakia hutsa gaur egungo titaniozko katedral baten egitura kiribildu zein distiratsua miresteko eta kito; txintxin diruaren hotsa. Gure artekoak aurrepauso handi bat eman du. Izan ere, gaurkoa izan da elkarrekin egin dugun geure aurreneko ostera. Honezkero argitara irten bagina bezala, ezkutuko amodio debekatu bat izatetik denen aurrean harrotzeko moduko bikote arrunt bat bilakatuz, hori bai, VII oraingoz behintzat geure hiritik kanpo, badaezpada. Edonola ere, derrigorrezko bisita zein eritzi arinak egin eta gero, besteak beste herri honen itxuraldaketa, apur-apurka baina baita geldiezina ere, delako museoa adibide hutsa denez, alde zaharreraino gerturatu gara pintxotan derrigorrezkoa ere zen bakailaoa bazkaltzera joan aurretik. Laurak pozarren ematen zuen, gaur arte ez bezala, nik etengabean esan eta egiten nituen txantxa zein zirtoei beti adi eta irribarretsu, bere ohiko sudur zimurdura, maiz pose bat besterik ez dena, egun batez erabat ezabatu balu bezala. Eta egun batez ere ni, nire burua barregarritzat hartzeaz gain, aspaldiko partez gazteago eta askeago sentitu egin naiz. Badirudi biok antzeko zerbait espero eta merezi genuela aspaldi-aspalditik, gure ezkutuko topaketok inposatu omen diguten zurruntasunetik ihes egitea edozein maitale bikotek bezala libre eta alai jokatzearren, hots, irri, zirri eta ziri artean, logelako estutasun lizuna lehendabizi ahaztuta benetan zoragarria izan den egun batez gozatuz. Igandean hondartzara joateko proposatu egin diot. Ez dut, beraz, geure artekoaren nondik norakoez hitz egiteko batere gogorik. Egia esan, nik uste oso bekatu larria litzatekeela halako harreman zoragarri bat nire kasketaldi huts bategatik zapuztea. Debako hondartzan egon gara goiz osoan. Badirudi Laurak dezente gozatu egin duela eguzki galdatan, harik eta larruan kis-kila moduko kolore gorrista bat harrapatu arte. Nik, ostera, toalla gainean etzanda nengoela ohiko biluztasun lotsak kikilduta eta halakoetan denbora-pasa bakarra dudan libururen baten irakurketa astunak gero eta gogaitago eginda, gure artekoaz gogoeta egiteko behar beste asti izan dut. Ez nekien zelan definitu Lauraren alboan sentitzen dudan zoriontasun mota, ez baita inondik inora maitale arteko zoriontasun arrunt eta batez ere errugabeko bat. Esan nezake geurea Moravia edo Borgesen neurriko amodio bat dela, bai aditunkeria galanta, baina badakit aldez aurretik gehiegikeria zein handinahikeria ederra litzatekeela, ez baitago geure artekoan ezelako mendekotasun intelektual eta are gutxiago ekonomikoagorik, geure harremana ez baitago inolako interes edo etorkizunezko egitasmo batek eraginda, elkarri eskaintzen diogun askatasuna ez baldin bada halakorik, elkarrekiko libertadean oinarritzen baita gehienbat geure artekoa, bestela agur Ben Hur. Ni ez naiz berriro inorekin ezkonduko edo antzeko loturara makurtuko, eta ez dut uste berak ni bezalako alproja batekin edonolako etorkizunerako planak egiteko oso gogo handia duenik. Amodioak badu, erromantiko babo gehienek uste dutenen aurka, bere muga ezin ageriagoa, hau da: sena. Eta hau guztia gutxi balitz bezala ere, eguerdiko eguzki izpi kiskalgarrietatik ihesi, eta goseak ere eraginda, herrira sartu gara bazkaltzeko asmoz. Laurak euskal kostaldeko herri guztietariko Deba ondoen ezagutzen eta gainera gogokoen duela aitortu dit. Umetan etorri ohi zen sarri askotan, bere familiak Madril alderantz bizitzera ospa egin aurretik. Debako hondartza, ostera, oso gogoan zuen, txikia, itxia eta txitean-pitean ere itsusia, baina horregatik ere oso xarmanta, benetan atsegina, bere ustez familia giroan egoteko modukoa, edo behintzat orduko egun zoragarriak gogoratzekoa. Gaur egungo Debako hondartza ez da askotxo aldatu, lehen bezain txiki eta itxia baita udalak turismo gehiago erakartzeko asmoz ezinbesteko hobekuntzak egin arren. Eta beharbada egin, egin badituzte, sarbideak zabalduz eta asfaltatuz, aparkaleku gehiago hutsetik sortuz, inoiz ez bezala parkea atondu eta zainduz, bestela gaur topatu dugun jende mordoa ezingo zen pilatu sardina lata moduko hondartza honetan. Edonola ere, txingar eginda baldin bazen ere koitadua, hondarretatik altxatu orduko Laurak hitz eta pitz egin du haren umetako oroitzapenak zirela-eta. Baliteke nik nahi eta behar baino informazio gehiago eman didala haren senitartekoei buruz, zeharkatzeke guztiz konforme eta bereziki patxadatsu nengoeneko ataka ireki berri dit oharkabean, nire uste eta beldurrez betiko mamuak sartu daitezen oldarrean. —Me encantaba jugar en la playa con mi padre. Kontatzen didanez, bere ama erretxinaren etengabeko zelatatik askatu orduko, aitarekin uretan plisti-plasta zein hondartzan zehar lasterka lepo gainean igarotzen zuen goiza. Kontatu ere egin badit hondartza honetan pasatutakoak bere aitari buruzko oroitzapenik gozoenak direla, gehienetan bere aita oso lanpetuta edo egoten baitzen, eurekin lasai moduan egoteko parada bakarra asteburuetan izaten baitzuen, eta beti-beti familia giroan, hau da, aitonaamonen etxean, senitartekoez gainezka eta gainontzeko helduengandik ahalik eta urrunen aldendua ez molestatzearren, jakina. Hori dela eta, badira udako hondartza egunok Laurak gogokoen dituenak, umetan eta herri honetan ezagututako egunik zoriontsuenak begitantzen zaizkielako, gaur gero bere amak inoiz eta inola aitortu nahi ez bezala. —Debería haber vuelto antes. Elkarren gorabeherakoez zenbat eta gutxiago jakin, gero eta hobeto, adostu ostean, bat-batean niri bizitzari buruzko hainbat zertzeladak berriro aztoratzen nau. Ez da bere gurasoei buruz egin didan aurreneko aipamen xumea, banekien aita zendu zitzaiela hemen bizi zirela, horrezkero Madrilera alde egin zutela eta gaur egun ama behintzat Espainiako hiriburuaren inguruko txalet batean bizi dela. Eta jakin ere badakit, berak elkar ezagutu orduko hala aitortu egin zidalako, Laura bere amarengandik ihesi bere sorterrira itzuli dela. Jakina, ez zidan ihesaren zergatia azaldu nahi inondik ere. Nik ez nion galdetu berak berdin egin zezan: deus ez galdetzea. Horrela elkarren mamu eta trapu zikinez babestuko ginateke, horrela ere aitorpenek sortu eta ezartzen dituzten kateetatik libre egongo ginateke. Tamalez, noiz edo noiz sortu behar, ez baita posible, nik ere ez nuen sekula sinistu, maite duzun pertsona zeure munduko nondik norakoetatik betiko aparte izatea, zeren bestela zeure maitalea nolabait engainatzen ari zarela gogoan hartzen hasiko baitzara. —Papá estaría orgulloso de mí. Eta ez du amore eman nahi. Badirudi saiheska edo bere aitaz galde diezaiodan eskatzen ari dela. Nik ez dut, aldiz, inolako gogo edo asmorik, batik bat hildako aita bati buruz galdezka hasteko, hau da, seguru asko drama izugarri gogor eta mingots bat izan zenaz halabeharrez, are gutxiago, eta eskatutako botila sagardoaren ordez, mahi gainean jarrita zalantza barik bazkalordua zapuztuko digulakoan. Denok dugu zer edo zer mingarri gogoan hartzeko. Eta ez dut nahi, inondik ere, nik bizitu edota sufritutakoa aita baten galerarekin parekatu. Izan ere, nik ez ditut aspalditik neure gurasoak ikusi, edo bestela esanda, eurek ez naute ikusi gura, edo hori da behintzat sumatzen dudana euren etxean nagoelarik, ez daudela batere gustura ni alboan izanda, badutela beti niri esateko zerbait, nik uste leporatzeko asko eta seguruenez ere beti errieta moduan, zakar-zakar, baina ez dira ausartzen ala ez dute inoiz momenturik aproposena topatzen, orduan atsekabetzen dira eta eurengandik hainbat arinen alde egin nezan irrikan begitantzen zaizkit airean geratzen den ixilune zurrunari erreparatutakoan. Laurak zain ematen du. —Noiz eta nola hil zen zure aita? Orain arteko isilunerik luzeena. Laurak hasperen egiten du. Kontatuko didalakoan nago, bazkalorduan ere negar-zotinka asmatzen dut. Hala ere, espero dut datorrenak gure artekoa nola edo hala indartzea bederen, bestela bai trago txarra, gurea behin betiko apurtzeko momenturik aproposena. Ezin naiz koldarragoa izan. —Prefiero no hablar del tema, para qué amargarnos la comida, ya antes he estado a punto de ponerne a llorar cuando estábamos en la playa. Oraingoan ez dakit eskertu behar diodan edo zapuzturik sentitu behar. Ez al dut merezi nire aurrean bere barne kezkak edo ezinegona aitortzea. Hori al da gure artekoari ipini dion muga? Zer-nolako zintzotasuna espero nezake bere bizitzaren edozein alde garrantzizko ezkutatu nahiago didan emakume batengandik? —¿Conoces aquí algún sitio donde se coma bien? Eta hemengo sagardoa hain mingarratza izanda batere gustatzen ez zaiola bizpahiru bider esan ostean, Asturias aldekoa hamaika aldiz gustokoago duela ikaragarri gozoa egiten zaiolako, benetan freskagarria, botila hustu berri dut bere gustuko jatetxe txukun baten bila azkar joan gaitezen. —Hemen ez dut batere ezagutzen, baina Getaria aldean badaude, kaialdean bertan, oso jatetxe onak —erdaraz esan nion, baina. Eta autoa hartzera goazela, herriko plaza zeharkatzerakoan, Laura harri eta zur geratzen da balkoiei begira, zintzilik dauden erretratu erraldoiei, azpian agertzen den pankartari. Erabat atsekabetuta ematen du. Ezta harritzekoa, esaten diot nire buruari, kanpotik etorrita eta antzeko zerbait ikusi ezkero, txunditurik geratzea, hau da, ia egunero telebistatik, irratitik edota egunkarietan erakusten dizkiguten bidegabekerien egileen aurpegiak heroi modura goraipatuak ustekabean ikustea. Bertoko askori ere gogor xamar egiten zaigu, nahiz eta geure garaian, aspaldi-aspaldi neure kasuan, edo horrela behintzat gogoan izan nahi dut, balkoi azpiko heroi harroputz eta bihozgogorron giro berean edo euren borrokan ere parte hartu. Dena dela, eta herri hau ondotxo ezagututa, ezin du inor harritu gaur egun ere hain ugari diren bortizkeria zaleok hau bezalako herri batean duten indarrak. Hau bezalako herri batean edo geure hiriburuetako zenbait auzo txikitan badago indarkeria gorapaitu eta lagundu egiten duen hainbat sasikume, basapiztia. Oraindik ere guztiz zitalak direnak eta auzootan eragin ikaragarri handia dutenak, nahiz eta gainontzeko auzoak kontra edo gutxienez zeharo ezberdin pentsatu, hain zuzen ere aurrenekoek denboraren poderioz, hots, bortizkeria mota ia guztien laguntzaz, menperatu eta ixilarazi egin dituztelako. —Los presos vascos a Euskal Herria, la negociación es el camino para la paz. Ez dakit zer dela eta, baina oharkabean edo, hau da, Laurak eskatu baino lehenago, pankartaren leloa itzuli diot. Badirudi aho zabalagorik, atsekabetuagorik, eta ezin sinisturik nik esan berri diodanaren erruz. Beharbada pankartaren esanahia jakiteko inolako beharrik ez baitzuen, berak lehenago aitortuta euskaraz hitz bat ere ez jakin arren. Ezin argiago dago edonork erretratuetan azaltzen direnen erakunde armatuaren aldeko laudorioa ala zuribidea ondo baino hobeto asma lezakeela. Hemengo giroa zer-nolakoa den kontutan hartuz, ikusi berri duenez ez harritzeko aholkatzen, erregutzen diot. Eskua altxatu dit nire ezpainaren pareraino, isiltzeko agindu gisa edo. Ez du inolako gogorik ikusitakoaz berba gehiago egiteko. Dagoeneko ez da harrituta edo atsekabetuta, orain plazatik zehar haserre bizian ospa egiten du aparkalekurantz. —...sácame de aquí inmediatamente. Eguna erabat izorratu delakoan nago. Errepidetik autoz goazela, lehen proposatu egin diodan Getariko jatetxean bazkaltzeko, Laurak ez du txintik ere esan nahi. Areago, badirudi begirada zein gogoa leihatilaz bestaldean galduta duela. Ez dakit zer esan orain arte esandako guztiaz porrot egin baitut. Hala ere, nola edo hala animatu egin beharrean nago, egun guztiz patxadatsua izan behar zuena erabat ez alferrikaltzeko. Jatetxekoa negar egiteko modukoa suertatzen ari da. Terrazako mahai batean eseri gara. Zerbitzaria etorri zaigu eta Laurari menutik zer edo zer hautatzeko eskatu diodanean muzin egin dit. Orduan, zerbitzaria aurre-aurrean nuela, ni urduritu eta ezustean, eta Laurari irriño bat eragitearren bakar-bakarrik, ea erreboiloa piszifatoriakoa zen itaundu diot. Alferrik, zerbitzariak sudurra zimurtu eta bere jatetxean arrain guzti-guztiak beti fresko-freskoak eta primerakoak direla agindu egin digu oso modu zakarrez, hau da, bertako jendearen ohiturari eutsiz. Laurak ere jelazko begiratu bat bota egin dit, bere ezerosotasuna ezin ageriago utziz. Horrezkero ez nekien zer egin edo esan bere oniritzia berreskuratzeko, plazakoaz gertatu eta gero jaso duen ondoezatik ateratzeko, nahiz eta ordura arte hain gogoko eta ohiko zuen irriño xarmangarria bere aurpegian berriro marraz zezan mota guztietakoak komeriak alperrik eta agian oso baldar eta lotsagabe ere asmatzen saiatu naizen. Edonola ere, badirudi isilik ezin egon naizela, eta Laura gero eta gogaituago dagoela ohartuta ere nik barra-barra hitz egin dut edozein huskeriaren kontura, batez ere izkiren, txirlen edota artean ere sumagarria zitzaidan erreboiloaren kontura. Baliteke bazkalordu osoan mahai gainean ditugun platerei buruz etengabe solas egiteko parada ezin hobea izatea, baina oraingoz ez dakit zenbat aldiz goraipatu ditudan euskaldunok ustez edo asmatutako saltsa berdea edota Kantauriko arrainen kalitatea gaur egun lekuetatik ekartzen dituztenen aldean. Patetikoarena egiten ari naiz, gogoz gainera. Edozein lelokeriaren bidez eguna zapuztu digun pasadizo ezustekoa saihestearren, geure artekoa bere onera hainbat arinen itzul dadin. Eta nola ez, den-dena alperrik, eta betiko legez nik neuk hanka barruraino sartu dudalako. —Este país será todo lo desagradable que tu quieras para los que venís de fuera y no conocéis el problema de primera mano, e incluso no niego que pueda haber más hijos de puta por metro cuadrado de lo habitual, pero no me negarás que al menos aquí se come mejor que en ninguna otra parte. Ez dakit zenbat aldiz damutu behar izan naizen nire berritsukeria inozo-lotsagarriaz, oraingoaz inoiz ez bezala, ostruka bat izan banintz, dagoeneko neure burua Antipodetako zulo batetik aterata izango nukeen. Baina, hala eta guztiz ere, edonor zur eta lur geratzeko modukoa izan da Laurak bota izan didana, ni bezalako ergelak gorrotatzen zituela edo halako beste perla mingarriago batzuk ere bai. Harrigarria orain arte ohekide bederen izan dudan emakumearen ahotik entzunda. Ni ezin sinisturik nago, eta nahiko suminduta ere, halabeharrez. Badakit Debako plazan ikusi berri duguna bidegabekeria galanta, samingarria, dela, horretan harekin bat nator, zeharo, eta batez ere sumatuta, ondotxo suma baitezaket, kanpotik etorri berria den norbaitentzat ezusteko handia jaso izana. Dena dela, eta hemengo giroa zein giza paisaia ala pasaia morala zer-nolakoa den ondo baino hobeto jakinda, ikusitakoa egun bateko lorea ez dela, azken urteotako gehiegikerien beste adibide bat baino, Lauraren jokaera oso iraingarria begitandu zait, batez ere orain arte aurre-aurrean duen gizabanakoarekiko, ni ez bainaiz ezeren errudun, ez baldin bada askotxo pentsatu barik ziplo esandako zerbaiten erruduna, haren ustekabekoak eraginda hain zuzen ere. Ez dut uste, beraz, halako tratu txarra, jipoia, merezi dudanik, ez baitzen nire asmoa, inola ere, bera aztoratu izana, hemengo giro politikoa, nire ustez guztiz ustela izanda ere, nolabait azaltzea, eta den-dena bera kosta ahala kosta lasaitzearren. Tamalez, ezin izan ditut hitz egokiak topatu, bistan dago ez naizela aparteko hizlaria ez badin bada lelokeriak botatzeko, esandako apurra arineketan izan dela, ez zegoela nire aldetik inoren jokabidea zuritzeko asmorik. Eta hala eta guztiz ere, ergela esan dit, hamaika aldiz gogoz eta bihotzez maitatu izan dudan emakumeak iraindu ez ezik, nik, inola ere laguntzen eta gainera biziki —eta berak ez dakien motibo zehatz askorengatik— gaitzesten dudan zerbaiten errudun sentiarazi egin nau. Eta ez da bidezkoa, berak ez du inor epaitzeko eskubiderik, are gutxiago bene-benetan ezagutzen ez duen norbait, maitatzen hasi den norbait. Jakin beharrean nago bere jokaera uzkur eta zakar honen zergatia. —Cualquiera diría que han matado a alguien de tu familia. Ederra egin dut, orain bai asaldatu zaidala, bazkalordu osoan berba egin du bigarren aldiz ez beste, eta oso modu zakarrez ere, ea bere biziaz zer nekien galdetzeko edo zergatik azaldu behar zidan berari bakarrik ardura ziona ala ez. Ederto ba, nik uste dut orain ulertu dizudala, isilduko naiz, eta ez dut berriro inoiz asaldatzen duen gai hau jorratuko. Gainera, eskubide osoa du isilik egoteko, ni neu isil nadila eskatzeko, bere bizitzaren zenbait atal ezkutatzeko, atal guztiak gura izan ezkero. Azken buruan, maitale nauka bakar-bakarrik, pasa-denbora hutsa, jostailu kaskarra, hamaika aldiz barkatzeko eta jatetxeraino laguntzeko arrenka eskatu ostean, eta bazkalordua bukatu arte hitzerdirik ere esan gabe, egundoko kontua ordaindu, eta jarraian bere izeko-osaben etxe ateraino betosko eramateko gidari hutsa. VIII Gaur igandean Bilbora itzuli naiz, egun osoan nire hiru urtetako semearekin jostetan zein patxadan egoteko asmoz. Gaur ere, eta lehenbizikoz, ez zait batere inporta, haurrarekin bildu aurretik, halabeharrez igaro behar dudan trago txarra nire emazte ohiaren etxera heltzerakoan. Gaur badut burua beste inon, Laurarengan hain zuzen ere. Autopistatik behintzat nentorrela ezin nion atzo gertatutakoari buruz gogoeta egiteari utzi. Geure lehenengo errieta, edozein bikoteren modura, aldez edo moldez saihestu nahi eta behar genuena, eta horregatik ere elkarri agindu genion gure arteko betebeharrak zein hitzarmenak gutxienera eramatea, gehienbat sexura eta kito, zertarako besterik, batez ere gureak inolako etorkizunik ez baldin bazuen, gure artekoa behin-behinekoa bakarrik baldin bazen. Alde horretatik, eta nire emazte ohia- rekin bizitutakoa, edo hobeto esanda, harengandik espero eta azkenean topatu nuena oso kontutan izanda, hau da, berari bakarrik egokitzen zitzaion bizimodu guztiz konbentzional eta batez ere zeken bat, hain zuzen ere ni bezalako koitadu batek inola ere ezin eman ziona, Laurarena aldiz bikaina da, agian larregi, nirearekin inola ere bat ez datorrena. Esan liteke geure harremana bikain bilakatzeko saioan hil garela, elkarri hamaika promes eta asmo egin eta gero ezinarekin topo egin dugu. Ez da posible elkarrekin egonda eta ezer ez sentitzea, ez da posible ere elkarren maite izatea eta norberarena existituko ez balitz bezala jokatzea. Ez da posible gure arteko itxurakeria hutsa izan baita hasiera- hasieratik, bizi nahi genuen fantasia bat, adinarengatik inola ere ez dagokiguna, nahikotxo koskortuta baikaude nerabe moduan jokatzeko. Alde horretatik, ez nau batere harritzen atzokoak, noiz edo noiz jazo behar, gutxien espero nuena, ostera, politikaren kontura zer edo zer geure aurreneko errietaren motiboa izatea. Ez nuen espero eta, egia esan, zeharo aztoratu egin nau. Beste behin, eta batez ere dagoeneko aspaldi ahaztuta nuen gai ustela izanda, berriro politika nire bizitzan sartzen da den-dena izorratuz. Ez dakit zer dela eta Laura hainbeste atsekabetu zitzaidan, zertara zetorren Debako plazako erretratu zein pankartaren kontura eztabaidatzeko gogoa. Saiatu, saiatu nintzen asmatzen, baina ezin. Nire irudikoz gazteegia zen, eta gainera bere urte gehienak Madrilen bizitakoak, euskal gatazkarekin zerikusirik zuen zerbait beti gaitzesgarri/gogaikarri kontatzeko prest. Dena dela, eta badaezpada, nik itaundu egin nion zer zeritzon nahaskeria nazkagarri guzti horri, haren atsekabearen benetako zioa jakitearren. Ez zidan tutik ere esan, lehen baino bezkozkodunago agertu eta etxera zuzen zuzen eramateko eskatu egin zidan soil-soilik. Txunditurik nengoen. Ezer kontatzeko gogorik ez zuela asmatuta, eta batez ere hori ez egiteko eskubide osoa zuela onartuta, nola edo hala, baina inoiz ez serio-serio, gurearen hasieran hitzartutakoaren arabera, gehiago ez akuilatzea erabaki nuen. Hori zela eta, eta ditxosozko gaia alde batera utzita, bazkariaren kontura zenbait txotxolokeria esan eta bera berriro ere izugarri asaldatu egin zitzaidan. —Me repatean los idiotas que tiran todo el rato de tópicos. Zatarkeria galanta, nik inola ere merezi ez nuen mesprezu mingarria. Ez nuen Laurarengandik espero eta ez nuen merezi hain erantzun zakarra. Tira ba, geure arteko ageriko adin eta klase ezberdintasunak kontutan hartuta —ez dakit zenbat aldiz esan diodan nire buruari ea zer demontre egiten dudan nik bera bezalako señorita larrusendo batekin tratuetan— badirudi noiz edo noiz errieta izan behar genuela, nahiz eta hamaika aldiz gure artekoa hain kitzikagarria, hain bikaina, hain behin-behinekoa zela elkarri esan. Dena dela, ageri da atzo arratsaldean egotzi egin nion zerbaitegatik asaldatu zela, hots, kezka zuela nik esan niezaiokeena, ez ninduela ohaide begiko eta berbalapiko bat baino izaten. —Aitaaaaaaa, begira zer egiten dudan!! ! Enekok askatzen nau zeharo arduratuta nauen burutazio oinaztatutik. Enekori esker nire bihotzeko kontu txatxuok ez dutela zentzu handirik momentuan konturatzen naiz. Eneko da arduratu behar nauen bakarra, guztiz gogorra baita ni bezalako aita banatu eta bakarzale batentzat, bere amarekiko tirabirak direla-eta, bere semearen arreta zein maitasun osoa bereganatzea, suspertzea, ziurtatzea, hau da, nitaz inoiz eta inola ahaztu ez dadin egin beharreko guztia. Laurarena, beraz, behar den lekuan kokatu beharrean nago, gure artekoa denbora-pasa hutsa hasi zen eta horrela iraungo ote. Eta aurrera joateko modurik ez baldin badago, zer egingo diot, ez da nire lehenengo porrota amodio kontuetan izango, ez da ere segur asko azkenekoa, halakoetan amore emateko inolako asmorik ez baitut, oraindik oso sasoian nago sexuari bizkarra emateko. Laurarekikoa bukatu beharrak, aldiz, pena ikaragarria emango lidake inolako dudarik gabe, aspaldi ez baitut ezagutu bera bezalako emakume jator eta bizkorrik, sarritan hain maripurtzila/harroputza/ipurterrea izanda ere. Baina, ez naiz ni zinez komeni zaion gizona, ez behintzat etorkizunerako planak egiteko beste, nik bere sasoian Edurnekin egin nituen bezalakoak, bizi osorako maitasun ezinezko eta ia-ia betebeharrezko hura, ezerezean geratu zena, gaztetako amodio zoro eta luze guztiak geratu ohi bezala. Laurari hots egingo diot atzo arratsaldekoaren kontura, egin omen nion kaltea edo zer izan zen zehatz-mehatz ez jakin arren, barkazioa erregutzeko, berriro elkar ikusteko gogoa duen nola edo hala asmatzeko, azken hau datorren asteburuan Toulouse alderaino ostera polita bat proposatzeko asmoz. Astelehenetan, eta gizakume gehienon antzera, guztiz gogaikarria, benetan oka egiteko modukoa, begitantzen zaidan bulego zein lan batera itzuli beharra edota nire bizitzari buruz hartutako erabakien ondorio zalantzakorrak edo garratzak direla medio —horra hor nire semearena— ez naiz izaten oso pozik, ez eta nire lankideek espero bezain berritsu ere. Gaur, aldiz, eta beharbada atzo ere izugarri ondo pasa egin nuelako Enekorekin; hau da, harekin nengoela ohiko malenkonia gabe eta baita betiko eta ageriko leloagatik ere, nire ondoan egunez egun koskortzen ikusiko ez dudana ondo baino hobeto dakidalako. Atzo igandean eta aurreneko aldiz goxatu egin nuen nire semearekin aspaldi hartutako erabakiaren damurik gabe, bai goizean Eneko ibai bazterreko ibilbide berri eta txukunetik behin eta berriro jauzika zein txintxilipurdika zeharo axolagabe zihoala, bai eguerdian Alde Zaharreko sagardotegi erraldoi batean hain gustuko duen bakailao tortilla bazkaltzen ari ginela, edota arratsaldean Casilda Parkeraino eraman nuela eguneko azken jauzi zein txintxilipurdiak egin zitzan bere amarenera otzan-otzan eta osoro lur jota itzuli aurretik. Banuen, gainera, gainontzeko igandeetan baino pozagorik egoteko beste motibo sakon eta ia bat-bateko bat: sekula damu izango ez nukeen erabaki bat. Bulegora heldu eta Kike ezustean harrapatu izan dut nirengan guztiz ohiz kanpokoa den agur ozen eta irribarretsu batez. Zain nintzen, “zorionak, asteburu honetan behintzat eta aspaldiko partez txortan egin duzu” noiz erantzungo zidan. Baina ez, kale egin dut, badirudi Kike ere ikaragarri irribarretsu, lasai eta batez ere arduragabe dagoela nire bizitza sexualari buruzko berririk gabe. —Aspaldiko! Atikoaren jabea uste baino lehenago bueltatu berri da, etzi bertan sinatu genezake alokairuaren kontratua. Oraingoan ni naiz ezustean benetan harrapatuta dagoena. Ez nuen inola ere espero. Bai sorpresa handia, ezatsegina! Kaliforniatik bueltatu berria!!! Zer dela eta? Zertarako? Laurarekikoa zapuztearren edo? Zentzugabekerietan hasi naiz Kikeri guztiz faltsua den zoriontasun neurrigabeko aurpegiera bat marrazten saiatu eta gero. Gorroto bizia diot oraindik ezagun ez dudan arkitekto harrosko lukurrero horri, egia esan, oraintxe bertan akabatuko nuke. Baina, ez dut behin berriro nire eskuak odolez zikintzeko motibo apartekorik, zer axola dit niri Laurak hain gogoko eta zain duen atiko alu hori biok uste eta agian nahi baino lehenago eskuratu izanak. Hala ere, ezin dut gogotik kendu albiste txar edo dena-delako honek gure artekoari nola edo hala kalte egingo diola, orain ni bere bizitzatik behingoz eta betiko ezabatzeko aitzakia bikaina izango balu bezala. Edonola ere, eta atzo hauek bezalako hainbat gogoeta inozo eta zentzugabeko egin eta gero, nire buruari Laurarekikoa lasai moduan, hots, etorkizunerako kezka handirik gabe gogoan hartzeko agindu arren, oso nabarmena da ez naizela batere ziur nire benetako sentimenduetaz, beharbada orain arte inoiz eta inola nahi izan ez dudalako. Agertu da ezustean geurea popatik hartzera joan dadin zirrikitu bat eta ni behingoan ikaratu izan naiz. Nor nau Laurak, pasa-denbora hutsa, etxebizitza saltzaile gonazale lizun bat? Zergatik eta batez ere zeren beldur ote naiz? —Badakit hau zure lehenengo salmenta dela, horregatik mesede bat egin nahi izan dizut berak emandako datuak kontratuan gaineratuz. Eskerrik asko esan behar, ez da ezer apartekorik, zaila, baina bai eginkizun guztiz aspergarria. Horrexegatik ere, betekizun alu hori gainetik hainbat arinen kentzen lagundu izanagatik, eskertu behar nioke nire lankide txit eskuzabalari. Egia esan, hau da egin didan bigarren faborea Lauraren kontura. Hau da, bestalde, guztiz ezezagunak zaizkidan nire bezero zein maitalearen izen-abizen oso-osoak lehenbizi eta ozen-ozen irakurtzeko aparteko aukera. —...Ullaga, María Laura Ullaga Ruiz?? ? — Ezagutzen? — Ze ba? — Nik uste bere aurreneko abizena orain dela urte mordoa ETAkoek garbitu egin zuten hiriko politikari famatu batena dela. Ez omen da oso deitura arrunta. Izan al liteke honen senitartekorik? — Ez, ez dut uste. BIGARREN ZATIA I Goizean goiz jaiki eta balkoiko errezelak bildu orduko nire begi aurrean zabaltzen zaidan egun lanbrotsuak brast egiten dit. Ez nuen uztail aldera halako eguraldi kaskarra espero, Torrevieja bezalako Mediterraneo kostaldeko hiri bateko uda hasierari dagokion bero sapa itogarria baino. Baina, serioa izan nadin, ez nago hemen eguraldiaren onurengatik hain zuzen ere. Ihesi etorri naiz. Ezin nuen nire hirian iraun. Laurarena gertatu eta gero jasanezina, benetan samingarria, izango zitzaidakeen berarekin kalean ustekabez edo topo egin izana. Zer esango niokeen? Sentitzen dut, baina nik erailtzen lagundu nuen gizonaren alaba izanda ezin dut zurekin inolako harremanik izan? Tristea, oso, eta batez ere barkaezina, zeharo. Enetzat behintzat sekula ez da ezer mingarriagorik izan. Laurarekikoa ez zen egun bateko lorea, denbora-pasa moduko txorta jotze samur bat edo, nire bakardadea-en betegarri. Inondik ez, Laura maite dut, biziro maite gainera. Horrenbestez, emateko ez dudan zuribide bat, arduragabe, gupidagabe ere bai, ez asmatzearren, ezatsegina baino mingarriagoa izango zitzaidan balizko topaketa bat ahal nuen modurik erabatekoenean saihesten erabaki egin dut, hau da, berak nire iraganaren nondik norakorik ilunena ezagutzeko nolabaiteko paradarik izan lezakeela erreparatu dudan bezain laster. (Beti ihesi, beti noraezean, beti okerreko bidetik). Egia borobila da. Horrela behintzat aitortu behar diot nire buruari, ezin baitiot honi nire iheskorkeria inola ere ezkutatu edo zuritu. Ondotxo dakit ihes egin niela, bai gaztetan gutxienez hanka hondoraino ez sartzeko aukerari eta, gainera nire senak aholkatzen zidanari muzin eginez, bai ezkondu eta gero nire familia berriari gogor eustearren ezinbestekoa zitzaidan beteki- zunari. Horra hor berezko etxekaltearen patu beltza. —Ez dakizu zeure buruari aurre egiten, ez duzu inoiz jakin. Baliteke, horrexegatik ere nire lankide gogaikarriari esker Lauraren izen-abizenak igarri orduko hanka berriro barreneraino sartuta nuela asmatu nuen. Eta hain alperra naiz, koldarra hur-hurrean, ezen errealitate gordinari aurre egin baino lehenago behin berriro ihesi egiteari ekin nion. —Badakit lanean hasi berria naizela, baina oporrak behar ditut. Nagusi dudan osabak, alde batetik txunditurik, eta bestalde jakinaren gainean ere —baina ez Laurarenarengatik, aspaldi-betikoagatik baino eta batik bat emazte ohiarekiko gorabeherak betiere aitzakia bikaina izanda— eskatu bezala hilabete eman dit opor. Zorionez, eta bere agindupean hilabete ez egin arren, ez dit erreparo handirik ipini motibo pertsonalengatik zela esandakoan, lur jota nengoela Unairen kontura emazte ohiarekiko tirabirak zirela medio. Ez hain gezur zuria Edurnerekin etengabeko liskarretan egoten bainaiz, beti Unairen gorabeheren kontura; ezin ageriago baita nire semeaz goza nezan mota askotako oztopoak barra-barra asmatzen dizkidala, banatu eta gero ni erresumintzeko geratzen zaion iskilu bakarra eta ziurrenik latzena ere bai. Hala ere, eta Laura ezagutu arte nire semearekiko arazoak zirela- medio guztiz abailduta ibili arren, ez da Edurnerekin dudan etengabeko borroka nire osaba lehendabizikoz engainatzera bultzatu nauena. Ezin nion, ordea, osabari egia osoa esan, aspaldi dezente kostatu egin baitzitzaion bere iloba kartzelatik pasatu izana onartzea, berdin zion motibo politikoak zirela edo dena-delakoak. Ez nion iraganari beste ate berri bat ireki nahi, beraz, hobe gezurretan zentzugabeko aitorpen zalantzagarrietan baino. Ez nion inori inolako azalpenik eman nahi. Bere garaian eskatu adina eman banuen, senitartean zein lagunartean, egia esan nazka-nazka eginda bukatu nuen, batez ere nik neuk nire buruari eman ohi nizkionekin. Erabaki nuen berriro bat ere ez ematea, ez nire buruari, ezta inolako eskubide barik nigana azalpen bila etorriko zen inori ere. Itun hori Laurarekin aspaldiko partez apurtzekotan egon nintzen, baina dagoeneko beranduegi omen da, ez da bidezkoa berak nire lankide gorrotagarri eta berritsuarekin mintzatu eta gero asmatu egin ote duena, nik berandu eta ustez behintzat behartuta aitortzea, horrezkero ez omen du inolako dudarik izango nire berezko zitalkeriari buruz; aurrenez bere aita garbi zezaten lagundu eta azkenez alaba bigarren aldiz eta moduz, nolakoa gainera, izorratu. —Errezelak berriro itxi beharrean nago. Ez nekien nora joan, nire burua non sartu, hau ere noiz arte ezabatu, eta osabak berak Torreviejan duen apartamentua eskaini egin zidan nire ustezko zein ezohiko oporretarako. Aspalditik apenas erabiltzen eta batez ere inbertsio modura Mediterraneo kostaldean erosi zituen apartamentuetariko aurrenekoa baita, Torrevieja oraindik modan zegoela, Benidorm, Torremolinos, Salouren eta enparatuen ondoan. Gainerakoak geroxeago erosi egin zituen, Ibiza edo Marbella bezalako eta ustez behintzat itxurosoagoak diren beste herri ezin zatarrago batzuetan. —Hutsik topatuko duzu. Eta huts-hutsik dago, bai horixe, edo gutxienez ezinbestekoaz bakar-bakarrik horniturik, egongelako mahaia zein aulkiak, logela bakarreko ohea eta egongelan bertan dagoen sukalde purtzil eta ikaragarri zikin bat. Bistan dago ni baino lehenago nire hogei urte inguruko lehengusina egon zela bere kuadrilakoekin, hau da, triskantza eta herdoila edonon, eta baita berak ondotxo bazekiela ere nire izeko-osabek Torreviejako apartamentua erdi ahaztuta edo zutela, horrez gain hamaika opor-leku dute-eta Espainako mediterranear kostaldean barrena. Hala ere, gaitzerdi, ez baitut ezer garbitzen hasteko batere gogorik. Oporretan nago, gainera oso opor bereziak, batez ere bat-bateko zein ustekabekoak, eta nik behintzat ikaragarrizko errespetua zor diot opor kontuari, batez ere gartzelatik irten eta hor barruan alperrik galdutako urte guztiak berreskuratzeko asmotan edo lanean jo eta ke, hau da, edozein ordainpeko zereginetan, buru belarri ekinez denbora hausnarrean alperrik ez galtzearren. Esan liteke hauek direla nire benetako aurreneko oporrak infernutik igaro ostean, nahiz eta zertaz ari naizen, hots, gartzelakoaz ala agian ezkontzakoaz ere, argitu nahi ez dudan. Bai tristea aurrean zabaltzen zaidan panorama, iraganarekin bueltaka behin eta berriro hastekotan, batez ere ezagutu ditudan infernuetako gomutetan murgiltzen hasten baldin banaiz. Ez naiz etorri deus gogora ekartzera, ahaztera baino, eta ez da hain zuzen ere nire iragan negargarri horretako porrotak burutik erauzi nahi ditudana, aspaldi ere erabat ezabatu bainituen gaur egun bizian jasotako kolpe zein usteen poderioz bilakatu naizen gizabanako ezin atsekabetuagoarekin zerikusirik ez duten aldetik, oraingo hau baizik. —Laura, beti izango zaitut gogoan. Edonola ere, espero dut berak nitaz lehenbailehen ahaztea. Merezi du Laura gaixoak, batez ere nik egindako zauri handia ahalik eta lasterren senda dakion. Eta berriro argitu beharra, ez naiz bere aitarenaz ari, nik uste orduz geroztik nire pekatua sobera ordaindu badudala, jende asko, ez baldin bada gehiena, aurka izanda ere, biok bakarrik hauspotutako txinparten artetik sortu zenaz baino. Badakit, azken egunotan biok asmatu genuelakoan, gure artekoa ez zela denbora-pasa hutsa, lizunkeriak eragindako zoramen arina, atsegina baino, biok guztiz kontrakoa gutiziatu arren. Besteak beste, eta berak ere behin baino gehiagotan ia ahapeka eta ahalketsu esan bezala, nirekin txortan etengabe iharduteak inolako konpromezurik suposatzen ez ziolako, ikaragarri lasai bizi zitekeen ni gabe, alajaina! Tamalez, eta betiko legez kasik, beranduegi konturatu egin nintzen. —Berandu, beti berandu... Berandu asmatu nuen emazte hartutako emakumeak kartzelako urteak pasa ahala ni maitatzeari utzi ziola. Berandu ere konturatu egin nintzen nire orduko borrokaideek gogoan zuten bidegabekeriaz. Berandu asmatu nuen nik egindakoa. Berandu, beti berandu eta ezin okerrago. Baina ez da nik aspaldi egindako okerrez hitz egiteko momenturik egokiena. Badira hamaika gauza premiazkoagoak, besteak beste apartamentua ahalik eta txukunen eskobatzea eta baita amaraunez mukuru dudan hozkailutxoa behar bezainbeste hornitzea ere. (Egun osoan apartamentuan potrojorran geratzeak zoratu besterik ez nau egingo). Ez ditut Torrevieja bezalako hiriak batere gogoko. Itzelezko zatarrak eta aspergarriak ez ezik, arrunt etsigarriak ere iruditzen zaizkit. Gainera, ondo baino hobeto ezagutzen ditut. Txikerretan, hau da, hamabost urte bete arte edo, nire gurasoek Salou alderaino ia arrastaka eraman ohi ninduten-eta. Bertan ikaragarri aspertzen nintzen, halabeharrez, ez bainuen norekin jolasean egin eta banengoen hondarrezko gaztelutxoez zein aitak uretan egiten zizkidan aguadilletaz kokoteraino. Horrez gain ezin nintzen nekez nire gurasoengandik metro eta erdira aldendu ere, zeren saiatu bezain laster, batez ere uretara sartzear nengoela edo hondartzako beste haur batzuekin solasean, aita gainean nuen ia ileetatik hartuta eskuoihalerantz eramateko asmoz . Eta ez baldin bazidaten uretan nire kasa lasai plisti-plasta egin nezan uzten, are gutxiago arratsaldeetan hirian zehar bakarrik ibiltzea egiazko ala alegiazko lagun bila. Gatibu ninduten bizpahiru astebetez, eguzki zein errieta galdatan, gehienetan guztiz arrotza, meharra eta itsusia begitantzen zitzaidan apartamentu batean. Gorroto nien udako oporrei Salouko egonaldien erruz, gozatu beharrean nire gurasoen maniak zein txepelkeriak nozitu behar nituen eurrez euren bizitzaren hainbat arlotan bezala baina agian gertuagotik inoiz ez bezala. Udako oporrak hitsak ziren, batez ere haiek guztiz kontrakoa izaten saiatzen ziren heinean, ni nola edo hala entretenitu nahian, gizajoak. Ni Gasteiza ahalik eta lasterren itzultzeko irrikan nengoen eta kito. Eta orain kalera, edo hobeto esanda urbanizazioaren aurrean dagoen basamortura, irten berri naizela ezin argiago dut. Zer egingo dut hemen, egun osoan potrojorran? Aspertuko naiz ziur asko. Nire osabaren eskaintzagatik izan ez balitz, ez nintzatekeen etorriko. Eta hala guztiz ere, inguratzen nauen guztia, hau da, apartamentua dagoen eraikin multzo erraldoi, hits eta modaz zeharo pasatutakoa, honen aurrean zabaltzen den hondartza kaxkarra edota hiriraino doan errepideak zeharkatzen duen alderdi idorra, den-dena ikaragarri itsusia, tristea, etsigarria begitantzen zait. Eta eskaileretan behera noala, bai hormetan zein sabaian antzematen ditudan hezeuneetan erreparatzekotan, nola ez pentsa hemen geratu bitartean tristura zein egonezina nagusi izango zaizkidala edonoiz eta edonola. Hona etortzeko asmoa oso argia zen: Laurarekikoa nolabait ahaztu edo gutxienez ahal nuen neurrian hoztu beharra. Hirian liburu pila bat eta telebista txiki bat erosiko ditut, bestela... Bestela egun osoan leihotik zehar hain aspergarria deritzodan hondartzara begira. Eta udatea hastapenetan dago, laster hau guztia udatiar petralez beteko da, Salouko opor egunetan bezala sentituko naiz: nazka-nazka eginda. —¡Buenos días! Kalera irteterakoan topo eta oharkabean bultzatu egin dudan andreak, haatik, hagiz gizalegetsu agurtu egin nau. Ozta-ozta ez dut lurrera bota, nire gogoetak gora eta behera itsumandoka nindoan-eta. —Disculpe que la haya empujado, no sé en qué estaría pensando. (baina ez da egia, ondo baino hobeto badakizulako nor zenuen gogoan) Andreari bizkarra eman berri diodala, buelta erdi eman eta ea nire erosketak non egin ditzakedan galdetzea otu egin zait. —Hay un colmado pequeñito en el edificio de enfrente, pero me temo que los dueños sólo entienden el inglés. Ingelesez nola edo hala moldatzen naiz, baina ez dut inolako gogorik Torrevieja bezalako espainiar herri batean gaztelera ez den beste hizkuntza batez iharduteko; ezta, noski, nire printzipio aldaezinetako bat, erosotasun hutsa baino, pragmatismo hutsa. Bestalde, ezinbesteko horniketaz gain telebista txiki bat eta libururen bat ere gogoan baditut. Beraz, merkatalgune handi baten premia dut ezinbestez. Herritik gertu samar Carrefour mardul bat dudala azaldu dit dagoeneko berrogeita hamar, edo gehiena jota hiruhogei urte inguruko emakumezko altu, argal samar eta sudur ezin arrano eitezkoagoa ziplo begitandu zaidanak. —Me pregunto si sería abusar mucho de usted pedirle que me trajera... Telebistatxoa, liburuak eta gutxienez bi astebeterako jatekoaz gain dozena erdi bat edalontzi erosi behar dut nire eraikinean bertan eta berak azaldu bezala hilabete amaiera arte bakar-bakarrik bizi den emakumearentzat. Badirudi bere apartamentuan zituen guzti-guztiak puskatu egin zaizkiola; hain baldarra da eta, koitadua. Nire autoz hiritik oso urrun ez dagoen delako merkatalgunerantz noala, eta leihatilaz bestaldean agertzen zaidan inguru huts eta hitsa batere erakargarria ez zaidan aldetik, nire buruari itauntzen diot ea non demontre dagoen Mediterraneo aldeko eguzki argitsu eta pozgarria. Eta galdezka hasi naizenez, ba ote da aparkaleku batekoa baino bakardade mingarrienik? Horra hor, bere hirian beti zain eta itxaropentsu duen ama maitagarri batez aparte, pasabideetan zehar orga bati eutsita doala, munduan inor ez duen gizon bakartia. Eta ezin bakartiagoa gurditxoan bota berri duenaz erreparatu ezkero: izozkiak eta garagardoak. Non ote dago bere burua aparteko mokofintzat hartzen zuen gizona, ala beharbada tripontzi garbia zena soil-soilik. Laurarenaz geroztik ez dut goserik, aurrera jarraitzekoarekin nahikoa dut. Badirudi ez diodala jateari gozatzeko inolako paradarik eman nahi, nagoen bezala egonda peka-u moduko zerbait izango zelakoan edo. Beste hainbeste suertatzen ari zait asteotan denpora-pasa modura edo egiteko gogoan nituen ihardunekin hondartzara oporretan joateko parada izan orduko, besteak beste, eta beti eguraldiak aukera emantekotan, hondartzan eguzki galdapean etzatea edo agian ere submarinismo egiten saiatzea, supermerkatuan bertan eskolak eskeintzen dituen iragarki bat ikusi egin dut-eta. Edozein zereginetan behar beste denbora pasa arte. Dena dela, alde batetik hain etsigarria, eta bestetik hain atsedengarria ere den udatiar herri dekadente honetara iritsi, apartamentu aurreko hondartza kaxkarra ikusi eta goizetik nagusitu diren hodei beltzak sumatutakoan, nolabait edo, ezertaz ez gozatzeko aholkatzen zidan zerbait omen dago. Izan ere, ez dut inolako eskubiderik bizitzaz gozatzeko harik eta Laurari egindako samina zeharo sendatu arte. Bai arraroa pekatuarekin bat-batean dudan erlazio bitxi hau, batez ere nire etxean oso fededun sekula izan ez direna kontuan hartuta edota ikastolara aldatu aurretiko fraile-ikastetxe batean umetan soilik hezi naizena, gaur egungo gure ikastoletako irakasle super jatorrak eta ikaragarri aurrerakoiak ez baldin badira gehienbat praka ala gona azpian sotana daramatenak, hau da, arestian ez bezala, frailee- txetako sotanen azpian prakak eta gonak zeudela ezinbestean. Airean dago, beraz, nire burua oinazetzearren erabiltzen dudan hutsetik asmatutako pekatuaren kontzeptu berri hau. Ez da makala, ez, kitatu behar dudan hobena. (Ez dira ere makalak hona etorrita egin dudan zentzugabekeria zuritzeko egiten ditudan saioak) —No sabe cómo le agradezco el favor que me ha hecho.. Ez da horrenbesterako, baina biok ondotxo dakigu gizalegezko hitz hutsak direla. Jakin ere badakit erosi dizkiodan edalontziak ez direla oso kalitate onekoak, idoro ahal izan ditudan bakarrak baizik. Berdin dio, bere senarra iritsi orduko Orihuelako Eroskiraino laguntzeko eskatuko dio. Bertan seguru asko nahi beste edalontzi topatuko ditu. Ondoren, eta inork aldez aurretik galdetzeke, bera euskalduna dela aitortu eta Eroski gustukoago duela azaltzen dit. Nire aberkideen egiazko zein bromazko txobinismo inozoarekin topo egiten dudan guztietan bezala, ezin dut nire aurpegitik ustez edo errukarria den irribarretxo bat ezabatu. —La entiendo, yo soy de Vitoria y sé perfectamente que no hay como un Eroski para que le cobren a uno casi el doble de lo que le costaría el mismo artículo en cualquier otro establecimiento. Barre egiten du. Gaitzerdi, bere adineko andreekin ezin da inoiz asmatu zirtoa nola hartuko dizuten txantxetan edo seriotan, maiz belaunaldi arteko etena umorean inon baino ageriagoa baita. Nik, aldiz, txantxak berehala, ziplo, edo gutxienez beti irrifarre xume batez, harrapatzen dituzten gizabanakoak izugarri estimatzen ditut, egia esan estimatzen ditudan bakarrak. —Oiga, no diga esas cosas que yo soy del Alto Deba y ya sabe usted lo que eso significa si hablamos de Eroski, Fagor, La Laboral, Lagun Aro y similares —nik uste andere honen irrifarrea aspalditik ikusi eta sentitu dudan gauzarik ezti eta hunkigarriena dela. Txantxiku dut emakumea, baina aspalditik nire hirian bizi dena, senarra Cegasako arduraduna baita. Dena dela, bere herritik kotxez orduerdi eskas-eskasera. Ez dakit zer dela eta, baina ustekabean edo, eta batez ere buru buztanik izaten ez duten ohiko topikoei eutsi egin diet galdetuz ea nire ikastolakide ohi baten guraso oinatiarrak ezagunak zaizkion. —Ez dakitt ba, ez dakot oin goguan —nabari zaio ez ezagutzeak aztoratu duela— Penia emuten dost ez jakitiak, geure alabia be ikastolara fan dalako, Olabidera. Ni ostera Duranakora joan nintzela erantzun diot. Dena dela, gurea bezalako hiri txiki eta itxi batean ez litzateke batere harritzekoa nire adinekoa gutxi gora behera omen den alaba ezagutu izana gaztetan. Nik dakidala Gasteizko ikastolakumeen arteko harremanak oso hestuak izan baitira betidanik, batez ere BORREROAK BADITU MILAKA AURPEGI nire garaian oso gutxi eta are bitxiagoak ginen aldetik, gehienetan kirol zein taberna giro bertsuetan ibiltzen ginen elkarren ondoan baskoena egiten, hau da, oso noizik behin eta beti kanpoko jendearen aurrean euskeraz parra-parra eta ozen-ozen egiten. Baliteke, beraz, bere alabarekin hor nonbait eta nolabait ere topo egin nuela nire ikasle garaian.. —Irati Madinabeitia. Ideiarik ez. Madinabeitia oso deitura arrunta da Gasteizen. Nola gogoratu ikastolaren garaiko lagun edo ezagun guztiak. Bestalde, gu bezalako ikastolakumeak izanda ere, nire lagun giroan ez genituen Olabidekoak askotxo estimatzen, EAJkume zein pijo hutsak begitantzen zitzaizkigun-eta. —Edonola ere, nire auzoko jendearekin tratu handiagoa nuen. Jainkoa ala dena-delakoari esker, eta akaso andreak dagoeneko apurtxo bat aztoratura nagoela atoan somatu duenez gero, elkarri agur esateko ordua iritsi dela erabaki omen dugu biok batera eta ia ezustean. Beldurrak nago nire sudurra gehiegitxo zimurtu ote dudan, ez dut oraingoz ezagutu dudan auzoko bakarrarekin inola ere zakar jokatu nahi ere. Ez du merezi, ez dit inolako motiborik eman, nire ustez orain arte esandako guztia gizalegeak eraginda izan da soil-soilik. Aitzitik, azalez oso emakume atsegina da eta zinez estimatzen dut aspaldiko partez norbaitekin hitz eta pitz egin ahal izatea lasai asko. —Parkaidazu, mutil, kontakatillu edarra inda nau ni. Bat-batean, ustekabean ere, eta batik bat inolako beharrik gabe, aiko-maiko. —Ez kezkatu, mesedez, ez dut inor nire zain, bakarrik etorri naiz. Baina, zergatik edo zertaz desenkusatzen ari naiz? Noren aurrean, gainera. Bai kasualitatea nire hiriko bertako emakume bat auzoko bakarra izatea. —Usteot bixok bakarrik gauzela edifizio osuan. Berak ondotxo azaldu bezala gurea bezalako eraikinak uztailaren hasiera aldera betetzen hasi ohi dira. Ezta oso arrunta ordura arte inor hemen topatzea. Hau behin esanda, eta muzin egitekotan ere egon arren, nahitaez eta nola edo hala xehetasunak eman beharrean nagoela uste dut. —Nire agentziako nagusiak behartu ninduen oporrak uda baino lehen hartzera eta ez nuen norekin etorri, batez ere nire neska-lagunarekin apurtu eta gero. Ezin ageriago andreari aurpegian antzeman berri diodan keinu urrikalgarria. Auskalo zer asmatu duen. Zer edo zer asmatu behar izan baitu halabeharrez, neska-lagunarena aipatu eta gero esandakoa motz-motz geratzen zaiolakoan. Zorionez, biok ondotxo dakigu gaurkoz behintzat elkarri nahikotxo esan diogula, agian gizalegeak berak agintzen duena baino gehiago. —Ni ostera gabonak pasata ixa urte osuan hamen bizi naiz. Ezinbestian, badakot oso gaixotasun larri bat birikietan izugarrizko mina eitten dostana, horrexegaittik pasaitten dot hamen ahal doten denbora gehixena medikuak aginduta. Baneukan be neskame moduko pertsona bat, geixenbat konpainia eittera etorten zana, baia egixa esan, neskatoak ikaragarri astoraketa ninduan haren txorakerixekin eta ensegida etxeti alde itteko eskau notzan. Oin bakarrik bizi naiz baina eztost bape ardura, etxekuak gutxienez hiru astetik behin etorri ohi xaku bisita ittera. Ni, ostera, oso noizik behin bakarrik bueltaitten naiz Gasteiza, senarra eta alabakin egun gutxi batzuk familixa giruan pasaittearren. Zorionez, esan badotzut nire senarra laister etorriko dala udako oporretarako. Oraingoan ditxosozko gizalegeak ni behartzen nau bere gaixotasunari buruzko berak eman nahi beste xehetasun galdetzera. Dena dela, ni ere, eta hainbat arinen ospa egiteko artegatasunak adieraz diezaiokeen modurik argienaz ere, ezinbestekoak bakar-bakarrik eskaintzen ari naiz. Badut susmoa, biok guztiz ezezagunak izanda, gehiegitxo mintzatu garela. Egotz geniezaioke, inoiz eta inola ondo nireganatu ez dudan erkidetasun delakoak erbestean gaudela eta gure herriko edonorekin topo egindakoan berarekin hitz eta pitz egitera bultzatzen gaituen zentzugabeko joera inozoari. Dena dela, oraingoan ageri da oraindik zimurrez eta oso lerdena eta batez ere jatorra eta berritsua ere den andre honek nirekin berbetan egitera bultzatu duena oso bestelako zerbait izan dela. Izan balitezke bakardadearen ajeak, batez ere hiritik hain aparte dagoen eraikin itsusi, hits eta etsigarri hau urte gehienean huts-hutsik dagoela erreparatuta. Ez dut, beraz, inola ere berarekin zakar, eskergaitz, jokatu gura, orain arte hain atsegina izan den nire oraingoz auzoko bakarrarekin. Gainera, ezin dut bere moduko gaixo batekin horrela jokatu, ez naiz oraintxe bertan gogoan dudan neskato maitagarri eta errugabeko batek bete-betean sinestu behar duen bezain sasikumea. —Tira ba, banau loguriak, bixar arte. II Apartamentuko hozkailua leporaino utzi izan dudan barazki izoztuetariko batzuk afaldu eta segituan ohera joan naiz, eta aspalditik ez bezala bertan iraulka egon naiz justu-justu goizeko ordu txikietara arte. —Irati Madinabeitia. Ideiarik ez. Baina ziur nago Edurnek baietz, gure hiriko ikastolakume gehienak ezagun edo lagun baitzituen, saltsa guztietan sartuta zen aldetik, noski. Edurne abertzale sutsu-sutsua, konpromezu kontuetan bere mailara inor ailegatzen ez dena. Bera bezalako neska baten arreta erakartzeko lubaki berean egon behar zenuen ezinbestez, bestela ikusi ere ez zintuen egiten. Edurne ez zen batere atsegina politika kontuetan aiko-maiko ibiltzen zirenekin, “urrats bat atzerago eta laster etsaiaren atzaparretan” esan ohi zuen. Eta jakina, nik garai hartan bederen harenetan bakarrik egon nahi nuen. Eta gainera, ezin diot nire memoriari iruzur egin, garai hartan ni ere Edurneren pentsamoldeen oso aldekoa nintzen-eta, Euskal Herri askatu eta sozialista bat gauzatu nahi eta agian ere gainontzekoen borondatearen gainetik desiratzen nuen. Egun esan nezake ez zela batere harritzekoa ni ere borrokalari sutsua izatea nire orduko adiskide, ikaskide edo jolaskide giroan, denok nola edo hala geure buruak abertzale petopetotzat genituela, gure herria Espainiak zein Frantziak zapalduta zegoelakoan. Behartuta nengoen, beraz, Euskal Herri libre eta euskaldun baten alde borrokatzera, eta hori, zer esanik ez, inoiz aitortzeko gai izango naizena baino gogokoago, bihotzekoago, ezinbestekoagoa egiten zitzaidan. Egia esan, Euskal Herri libre baten aldeko borrokak nire gaztaroari nolabaiteko zentzu existentzial edota erromantiko bat eman zion, antza. Borroka honek nire bizitza zentzugabekoa zuritzeko aitzakia eta hauekin batera adiskide bilakatu ziren borrokaideak eman zizkidan, eta hau guztia gutxi balitz bezala, emaztea ere bai. Baina Edurneren lagunen artean ez zegoen Irati Madinabeitia, nire Torreviejako auzokide berri eta txit atseginaren alaba. Edurneren lagunen artean baziren Iratxe, Ainhoa eta Paula, haren kohorte saihestezina, edonoiz eta edonora laguntzen zutenak. Edurnerenganaino apurtxo bat gerturatu eta berehala harresi moduko zerbait topatzen nuen euren lagunen begiratuan: aizu, mutil, hemen soberan zaude. Eta zer esanik ez, banekien nik bide bakarra zela Edurnek eta bere kohortek aintzakotzat hartuta izate aldera: haiek hainbeste gorrotatzen zuten harresiren kontra buruz zein harriz oldarka ere egitea. Baina, hobe dut gezurretan edo gutxienez erdizkako egietan ez hastea, batez ere nire konpromezu kriminalaren ondorio zitala zuritzeko asmoz, delako harresia bazegoen aldez aurretik nire buruan eta Edurneren onespena konpromezu horri atera nion atarramentu lotsagarri bat besterik ez zen izan. (Harrezkero mota guztietako harresiak amiltzeko zin egin nion nire buruari) Zoritxarrez, inoiz topatu nuen harresirik handiena nire buruan zegoena izan zen, bestelako harresi faltsu batzuen kontra oldartu ninduena, eta hori ere azkenean amildu egin zait, baina kostata, oso, esan liteke dena kasik bidean galdu egin dudala. Baina orain libre nago, sei urteko kartzela zigorraldi amai- gabeko bat bete eta gero beste behin kalean, kale gorrian, nire orduko bizitzaren aurre-aurrean biluzik, hots, kartzelan sartu aurretik nire orduko bizitzari eusten zion mito zein gezurrezko oihalik gabe. Eta are biluziago, susmagarri, aspaldi izan nintzen abertzale sutsua ezagutu zutenen aurrean. Horrela sentitu nintzen Gasteiza bueltatu nintzen lehenengo egunean: ordura arte jantzitako trapu zital eta petral guzti-guztiak denboraren zakarrontzira bota eta gero larru gorritan. Nola azaldu gaur egun jantzi gura dudan soinekoak ez duela inolako zerikusirik nire orduko traputzar haiekin. Ziurraski ez zidan inor askok sinestuko, ETAren zentzugabeko borroka armatua goraipatzeagatik aurrenean gaitzestu eta atzenean saihestu ninduten lagun eta ezagunek ala iraultzaile guztiz leial eta adoretsutzat nindukaten borrokaideek. Lehenbizikoz ere hemen Torreviejan eta edonoiz azaltzen zaidan iraganaren zama astunaz libre sentitzen naiz, batez bere inori nire iraganaren berri ematerakoan; hain zuzen ere Lauraren aldamenean goxo-goxo egondakoan ere barrenak goitik behera zeharkatzen zizkidan erresumina; hau da, harekin halako naretasunean egoteko eta are gutxiago gozatzeko eskubiderik ez nuelakoan. Nolabait ere, zertaz eta batez ere nortaz ezkutatzen naizen ondo baino hobeto baldin badakit, ez nago ordea oso ziur zertarako etorri naizen honaino, zer galdu zaidan Torrevieja bezalako herri zimel eta mamizko arimarik gabeko honetan. Asmoa zen Laurengandik zenbat eta urrunago egon, hau da, gero eta ziurrago berari, ni ikuste hutsaz ere, bigarrenez minik egitea ezinezkoa zitzaidakeelakoan, kaletik goazela ezustean elkarrekin topo egitekotan ez bada ere. Egiazko asmoa zen ere hemen behar besteko denbora oporretan pasatzea geure artekoa ahaztu arte, edo gutxienez berari egindako samina nolabait arindu zekion beta ematea. Ez zitzaidan Laurari egindako kaltea nola edo hala konpontzeko bestelako biderik burutu. Horrenbestez, eta egindako min osoa konpontzeko zeharo ezgauza naizen aldetik, denboraren eraginkortasunaz fio naiz; zertaz bestela, ondotxo sumatzen baitut ni behin berriro ikusteak bakarrik eragin liezaiokeen oinazea. Dena dela, eta hona etorri eta gero hirugarren egunaren goizeko lehenengo ordu txikiak direla-eta, eta hainbeste buru-hauste eta hauen kontura gogoeta egiteko denbora dexente izanda ere, ez dakit zertan eman dezakedan aurrean ditudan egun luze eta, batik bat bigarren egunetik hasi berri den uztail itsaskor hau aurrera doan neurrian, ikaragarri sargoritsua, orain arte bezala ez baldin bada potro-jorran ere. Izugarri aspertzen naiz sun, sand and sex ozta-ozta apeta dituzten udatiarrentzat propio antolatuta soilik ematen duen hiri honetan, hau da, oraindik erdi hutsik eta goizean eguzkiaz zein hondartzaz edota gauean pub eta hiri inguruko makrodiskoteketako martxa pastilloso kaskar eta agian ere zitalaz gozatzeko aukera bakarra ematen duen hiri hits eta ziztrin honetako apartamentu zulo batean. Jaiki berri naiz, bart lo handirik egin ez badut ere, bi aurrenekoetan bezala gau osoan ohean iraulka eta izerdi patsetan, eta hondartzaraino, paseatzera bederen, urreratzeko goizegi denez gero La Torre del Moro behatokiraino kotxez joatea erabaki dut eguneko lehenengo ordu ezko bakanak dastatze aldera. Bertan, kostaldea berberiskoen erasoetatik babestu eta hiriari bere izena eman zien dorreetariko baten gainean berriro gogoeta egiteari ekiten diot beti itsasora begira lasaigarri modura, nire barrenak itsas hertzera begira bakarrik lasaitzeko gauza naiz-eta. —Ez naiz inoiz hain bakarrik eta atsekabeturik sentitu. Ezin naiz sekula bakarragorik sentitu, ez eta kartzelan interno guztiengandik banatuta ere, batik bar nire ustezko borrokaideengandik, aparte eta beti kopeta ilun ala betozko egon ohi nintzela, egun osoan burutazioetan, iraganaren zama ikaragarri astunaz etengabe bueltaka, komandokoei euren objektiboari buruzko ezinbesteko informazioa eman izanak sei urteko —nahiz eta epaia berez hamarrekoa izan— zigorra egiatan merezi ote nueneko gogoetaz, garai hartan oraindik zilegizkoa begitantzen zitzaidan delako borroka armatuari emandako apurrak geroxeago gauzatu zen ekintzan nolako eta norainoko egiazko eragina ote zuen asmatu nahian. Harrezkero sei urte igaro dira eta harik eta gartzelatik irten eta bizimodu berri eta guztiz bestelakoa bilatu eta antolatzen lortu dudan arte, hau da, orduko giro eta lagunetatik ezin urrunago, gaur egun oraindik kartzela garaiko buruhausteak buruan pil-pil ditut, inoiz eta inola ere zartaginan izerditzen ez den bakailauaren modura. Zorionez, iraganaren kontura behin eta berriro atsekabetzen ninduten oroitzapen ilunak aspaldi ere bizi guztirako izango direla onartzen ikasi egin badut. Ez naiz, beraz, nire iraganetik honaino ihesi etorri; ala hori da behintzat nire buruari behin eta berriro arrapostu egiten diodana. (Laura ahaztu al duzu?) Hori omen zen nire benetako asmoa osabari, eta agentzian doi-doi hiru hilabetez ihardun eta gero, oporrak emateko eskatu nioenean. Tamalez, hemen astebete eman badudala, ez nago oso seguru bebe-benetan eta batez ere erabat ahaztu nahi dudanik, gutxienez berarekin bizi izandako apurra, duda izpirik gabe sekula suertatu zaidan ederrena, samurrena, baliteke ere garbiena, egiazkoena. Izan ere, niri hiritik, gure hiritik, eta ia arrapaladan, ihesi egin baldin badut, bera ezustez edo ni ikusita gehiago sufri ez zedin izan da. Ezin bainion, ni benetan nor naizen asmatu orduko, sufrikario moduko zerbait baino ez zena eragin. Horregatik ospa egin dut paradisu turistiko baino gehiago basamortu begitantzen zaidan Mediterraneo kostaldeko hiri zarpail honetaraino. —Banoa, banoa. Atean joka ozen-ozen, erneguz. Bestaldean Mariasun nire auzo onaitiarra arnasa ezin hartuz. Faborez hiriko anbulatorioraino laguntzeko eta ez kezkatzeko ere, oso lantzean behin suertatzen zaion birikietako batek jota dago, bere gaixotasuna dela-eta. Kotxean arrapaladatsu sartzen gara. Errepidean ordea mantsomantso badaezpada. Mariasunek hain larria ez dela gogoratzen dit berriz irrifarre izan nahi duen ahoko keinu makur batez. Gainera, aspaldi espero zuen, bere burua behar eta batez ere sendagileak agindu bezala zaindu ez duela aitortzen dit-eta. Dena dela, berriro ez kezkatzeko eskatzen dit ezin lasaigarri hobea izan nahi duen irribarre batez; gehienetan medizina hartu eta ohean etzan ohi da bizpahiru orduz gogorrena igaro arte. Bestalde, birikietakoa okerragora joan ezkero badu Torreviejako sendagile baten telefono zenbakia halako larrialdietarako, gehien jota hamabost minutu apartamentuan azaldu baino lehen; itxaron diezaioke lasai-lasai. Oraingoan, ordea, ni ninduen anbulatorioraino laguntzeko pertsona bakarra, horrela ez du inor, inor arrotzik argitzen dit, aztoratu behar, ez baldin badaukat beste zereginik, noski. Bere ustez, eta beti ohikoari eutsita, orduerdi barru kale gorrira botako gaituzte. Beste zeregin garrantzitsuagorik gabe jarraitzekotan hiriko jatetxe dorore-dotore eta, noski, garesti-garesti batean —hiri alu honetan behar bezain ondo jateko aukera bakarra baita— afaltzera gonbidatuko nau esker onez. —Gasteizen nauela alabiak beti Txagorritxuraino lagunketa nau. Ezerengatik ere artega ez dadin eskatu behar diot etengabean, behintzat anbulatorioko errezepziora sartu garen arte. Ez dudala inolako eragozpenik arrats-gau osoa ere bertan aulki bati atxikita, logale eta guzti, igarotzeko; auzokideak gara, behin-behinekoak baina, elkarri laguntzeko behartuak baino gustatuagoak. —Ikusiko dozu ze bapo-bapo afalduko dogun gero. Errezepzioko erizainari Osakidetzako txartela erakutsi eta hamaika argibide eman bitartean itxaron-gelara aulki bila noa. Espero bezala gela jendez gainezka dago, gehienak ni bezalako senitartekoak edo laguntzaile hutsak, zenbait gaixo familia osoak lagunduta etorri delakoan nago, oso familia handia, aitona-amonak barne, badaezpada edo. Gainera, itxaron-gela uste baino txikerragoa da, badirudi anbulatorio hau eraiki zutenean Torrevieja oraindik herri txikia zela, hots, turistikoa baina txikia, uda partean soilik ziplo eta batez ere inglesez mukuru kozkortzen zena. Gaur egun ordea herriko biztanlegoa bikoiztu edo hirukoiztu omen da, zer esanik ez oporraldietan, noizbait ere hamarkoiztu eta guzti egiten den. Ez da harritzekoa, hemengo urbanizazio hits eta itsusietara erretiratutako agure-atsoez gain herri honetako bihotz turistikoaren taupadei eusten dieten zerbitzari, garbitzaile, zaintzaile eta abar gehien-gehienak etorkinak baitira. Ikaragarria eta batez ere pozteko modukoa da Espainako jendilajearen itxura aldaketa, betidanik anitza izan baldin ez bada, gaur egun inoiz baino anitzagoa da eta horrek nolabait lasaitzen nau aniztasun horren parte izateko aparteko ahaleginik egin beharrean ez nagoen aldetik. —Esan dostet mina inoiz baino gogorraua dala, benetan insoportablia, baia kasuik ez, enfermeriak edo dana-dalakoak itxoiteko eta itxoiteko esan dostai, zapatu gaba izanda topera dauzela ni besteko gaixo dauen jente pilarekin. Ni ere askotxo konbenzitzen lortzen ez duen “lasai, andere, laster kalean egongo gara” bat bota ahala gela erdiko mahaitxotik eskuragarri dagoen aldizkari bakarra hartu eta gainbegiratu arin bat eman diot nire hitzen moteltasunetik ihes nahian edo. —Esan nostain Mediterraneo aldeko eguraldixa nire birikietarako sendagarririk onena izango zala, baia sinistuta nau nire edadian birikiak hainbeste maspildu eta gero dagoeneko ez dakoila sendaittekorik. Bat-batean behin-behineko auzoko dudan andere honek nire ama gogora ekarri dit. Beti aieneka, edozein ustezko huskeriagatik gainera. Edo hori zen behintzat betidanik uste izan dudana nire amaren deitoreen funtsezkoan erreparatzeko astia ere ez hartzearren. —Iratik beti uste izan dau exajeraitten nebela, nire gaitza eztala hainbesterako, nire aldamenekuen arretia erakartzeko modu nahiko bihurri bat baino, esatia be komedianta eta guzti deiketa nostala! Bere amaren gaixotasunaren nondik norakoak zehatz-mehatz ezin azaldurik, ezagun ez dudan Irati horri belarriondoko eder bat emateko gogoa sartu zait. Ezin dut eraman tamainako egoskorkeria, betidanik nire amarekin berarekin erabili dudana hain zuzen ere. Behingoan bai, behin betiko koskortu naizelakoan nago; aspaldi banengoen Irati hori bezalako astakirten bat izatetik gaurgero munduko Irati guztiak begitan hartzen dituen seme gaizto eta damutu bat izatera aldatua nintzela. (Gaztea zarela zurekin zerikusirik ez duen guzti-guztia komeria hutsa begitantzen zaizu). Jakina, familiak berak zuzeneko zerikusirik ez balu bezala ere, hau da, ea zertan sartua zaren galdetzen dizun ama atsekabetu hori, zurekin edozein huskeriagatik erresuminduta azaltzen zaizun aita odolgaiztoa, zure bizimodua, hau da, kalean potrojorran ematen duzun ordu pila edota printzipioz inola ere zu bezain abertzalea edo gutxienez konprometitua ez den baten begietara hain adierazgarria den janzkera hori dela medio uler ez zaitzakeen ahizpa. —Gaztetan adiskideak senitartekoen gainetik jartzeko joera izaten dugu, gaztetan arrotz egiten zaigun guztia etsai edo gutxienez kontrako bilakatzen dugu, eta gaztetan ez dago ezer arrotzagorik familia baino. Orduan, eta itxarongelaraino lasai-lasai joateko agindutako erizain zeharo aspertu eta arduragabetuari guztiz kontrakoa begitandu zaion arren gero eta gogorragoa zitzaion minari muzin eginez Mariasunek begiratu harritu eta ilun bat bota egin dit. Ezin ageriago ez zuela espero halako aitorpenik orain dela astebete bakarrik ezagututako gazte batengandik, oso hitz gordinak omen dira adiskide bainoago eraikinkide bakarrik duen gizabanako baten ahotik. Horregatik ere, eta gero eta gupidagabeago hausten duen gaitzari eutsiz, baliteke birikietako minari nolabait bizkarra emateko aukera ona izango delakoan, eta orain benetako ondoeza kezkagarria nirea bakarrik balitz bezala, niri ezusteko berbajario nahasiari adi-adi egotea merezi duela sinistuta omen dago. —Bada, halako momentu gogorretan benetan eta beti baldintza barik maite gaituztenak faltan ditugula, iraganean egindako oker guztiez damutzen garela... Mariasun gaixoak, beharbada inoiz eta nik uste baino gaixoago, eta hitzik ezean irriparre xume bat baino ezin dit egin, zertaz ari naizen ezin asmaturik, orain bai zeharo zorabiatutik. —Badirudi seme-alaben beteheharra gurasoei huts egitea dela. Egiazko mina gertukoei egindako kaltea, beraz, Mariasun bere alabatxoarena hainbesteraino ez zela argitu beharrean. —Okerrena, ordea, zure semeari huts egiten diozunean. Lehen jendez gainezka zegoen itxarongela bat-batean hutsik balego bezala, aieneka zein txutxumutxuka ari zen jende multzoaren berbarorik ez Mari Asun eta bion belarrietan zehar. —Badakitt nik ondo baino hobeto nire gaitzonek nolako neketia emun xau nire Irati gaixoai, baina... Nola eutsi irriparreari halako kinka larrian ere? —Ez, emakume, nitaz ari nintzen, nire umea koskortu orduko azaldu behar izango diodanaz. Ez dago galdera zorrotzagorik ondoan aho/begi zabalik duzunaren ixiltasuna baino. —Esan behar izango diot zergatik espetxeratu ninduten. Jakina, halakoan ez dut erantzunik espero alboan eta minzorrak jota dudan emakumearen partetik, berak badaki ondo baino hobeto halako eskubiderik ez dagokiola, batez ere orain dela bi astebete bakarrik ezagunak garen partetik. Beraz, hilzorian egonda ere ez luke ezergatik galduko diskretu jokatzeko ohitura, gure artean gizalegea ez baldin bada. —Eztotzut egixa osua esan, ez dostet esan nire etxekoei be, haik badakixe nire birikiak eztabizela biar beste ondo, baia ez minbiziak jota daozela. Parkatuko dostazu gezurretan ibiltia? III Gasteiza bueltatu nintzen, nik uste baino lehenago eta nire osabak areago. Izan ere, gizonak ezin sinestuta izugarrizko harrera ona eman zidan ea nire gauzak azkenean argitu nituen galdetutakoan lanean berehala hasteko aholkatuz, alajaina. Nik ez nuen ezer argiturik, ni itzuli nintzen Mariasun Torreviejako anbulatorioraino lagundu eta gero ezin bainuen bera berriro ikusteko paradarik izan; oso gaixo omen zegoen eta behaketapean jartzeko agindu zioten. Badirudi bere birikiak azkenetan zeudela minbiziak erabat hondatuak, Mediterraneo aldeko eguraldia ere nahikoa ez zitzaiela aurrera jarraitzeko, nola edo hala kras egitekotan omen zeudela. Familiakoa ez nintzenez gero aurreneko egunik larrienetan ezin nion bisitarik egin UVIkoan. Hala eta guztiz ere, egunero joaten nintzen erietxeraino galdezka, sekula ausartu ez bainintzen bertan ingresatu eta gero bi egunetara heldu ziren senitartekoengana hurbiltzen. Zer dela eta? Ez dakit nik ere oso ziur, baina nolabait ere uste izan nuen Mariasunena ez zegokidala, bere senitartekoen esku utzi behar nuela bakarbakarrik, beti hauengandik ahalik eta aparteen eta bere egoeraren berriak zeharka eta puntuoro jasoz. Gainera, nola azaldu nire burua. Apartamentuko auzokide edo adiskide? Zer-nolako laguna, norainokoa? Edo zerbait are konprometituagoa, zer egiten zuen ni bezalako gazte batek kostaldeko hiri batean udaberri —Nik gizon bat hiltzeko lagundu egin nuen. Garaian bakarka, zer arraio egiten zuen euren emazte edo amarekin harremanetan, zer nolakoetan? Paso egin nuen inori eman nahi ez nizkion azalpenak saihestearren. Tamalez, astebete eta gero informazio bulegokoek Mariasun bart zendu zela esan zidaten. Lur jota geratu nintzen, txunditurik, jakina, nola bestela. Eta gainera ezin nien nire dolumina eman orduantxe bere senitartekoei. Ez zen bidezkoa. Gasteizen eman behar, ezinbestez, horrexegatik bueltatu nintzen, ozta-ozta bere zerraldoaren lorratzaren atzetik. Ez zen ere hileta eguna momenturik aproposena alferrikako azalpenak emateko, agian ez zegoen inoiz eta inori ezertaz eman beharrik, edo hori zen bederen nik uste izan nuena. Hala ere, hileta elizkunetik irtendakoan eta bere amak hitzez eta oso urrundik nolabait aurkeztua ezagun bakarra nuen alabarenganantz joan nintzen nire dolumina ematera. Zer esanik ez, ez nuen inolako gogorik nire burua aurkezteko; alde batetik, eta lehenago esan bezala, batere xehetasun zalea ez naizelako, eta bestalde ere halako kinka larrietan sufritzen ari den jendea zenbat eta gutxiago molestatu hobebeharrez delakoan nagoelako, batez ere eta tupustean ni ere negar zotinka ez hasteko hain hunkibera txotxoloa naizen aldetik, dolu giroak eraginda bada ere eta azken hau betiere koldarkeria mota bat baino ez dela kontuan hartuta. Nolabait ere, elizateko giza iladan jarri eta Mariasun zenaren senitartekoen pareraino iritsi nintzela negar-muxinka ari zen bere senarraren begitarte guztiz desitxuratu eta saminduari buru-keinu arin eta herabe bat egin eta alboan zegoen neskatoarenganantz zuzen-zuzen jo egin nuen nire dolumina hainbat arinen eta zintzoen agertzeko asmoz. Ohiko denez, dolumina agertu eta ordura arte pilatutako erreustasun guzti-guztia askatu egin zitzaidan. Egia esan, handik ospa egiteko irrikitan nengoen, nire urtegi ondoko pisutxo madarikatuan lanera itzultzeko egunera arte ezkutatzeko asmotan. Baina, elizatetik dexente alde eginda nintzela nire atzean deika ari zen ahots batean erreparatu egin nuen bat-batean. —Barkadaizu atrebentzia, zu al zara Diego? —bota egin zidan Iratik bere aurreasmoa egiaztatu nahian. —Bai, ni naiz, zer ba? —erantzun egin nion aiko-maiko. —Eskerrak eman nahi nizkizun etortzeagatik. —Ez horregatik, neska, zure amarena bihotz-bihotzez sentitu egin dut. —Badakit, berak kontatu egin zigun hilzorian eta guzti zer-nolako sostengua eman zenion bere azken egunetan, zuri esker dena arinagoa egin zitzaion-eta. —Arinagoa? —sostengu hitza izan bazen benetan txunditu egin ninduena, bere amari zertan arintzen lagundu egin nion galdetzera ausartu egin nintzen bakarrik, oraindik ez bainekien neska hura zehatz-mehatz zertaz ari zen. —Badakizu, guk utzitako hutsunea nolabait bete eginez —erantzun zidan Iratik ordura arte nola edo hala, baina antza zenez baita gogor-gogor ere, eutsitako negarmuxinari berriro bide emanez—. —Nik ez nekien ezer zure amaren gaitzaz, egia esan apenas ezagutu nuen, urbanizazioko auzoak ginen bakar-bakarrik —bota egin nuen supituan, inola ere merezi ez zuen neskato atsekabetu hari bekoskoa jarriz. —Hori ere badakit, baina elkarrekin egon zineten egunotan nire ama oso ondo pasa egin zuen, zuri esker bere gaitzaren gora- beherak ordu bakan batzuez alde batera utzi ahal izan zituen –azaldu zidan Iratik bere musu gazte eta ederrean guztiz eskerronekoa izan nahi zuen irribarre luze eta ezti bat marraztuz. —Hori horrelakoa baldin bada izugarri pozten naiz, baina ez dakit ba nik gehiegizkoa den, esan badizut auzokoak bakarrik ginela... –tematu nintzen oso argi ez nekusan erantzukizunari muzin eginez. —Baietz ba, gure amak asko estimatzen zintuen elkarren ezagun berri-berriak izan arren, oso tipo jator eta eskuzabala zinela esan zigun —Iratik bere irribarrea zabalagoa egin zuen, baliteke nire jarrera eskertzearren itxurakeria apala besterik ez zelakoan. —Zure ama oso pertsona berezia zen, oso emakume azkar eta gogoargia zen, azken egunera arte ez zidan tutik ere kontatu haren gaitzaz. —Bai noski, erietxeraino lagundu zenuen egunera arte. —Harrezkero ez nintzen zure amari bisita egitera ausartu, familia giroan bakarrik egon nahi zuelakoan —aprobetxatu egin nuen aspalditik buruan bueltaka ari zitzaidan aitzikia behingoz botatzeko. —Jakina, ulertzen dut, ez zenuten apenas elkar ezagutzen... —ez dakit nik oraingoan bere irribarre finkoa adar jotzeko modukoa zen. —Ospitalean bertan kontatu egin zidan... —ez zitzaidan besterik burutu. —Elkarri kontatu zenizkioten zuen sekretuak —Zur eta lur utzi ninduen Iratik, ustekabean zeharo harrapatuta. —Nork ez du kontatzekorik... —erantzuna ezustean ere asmatu eta agur moduko begi-keinu bat eskaini eta gero neskari bizkarra eman nion handik agudo-agudo eta behin betiko ospa egiteko asmoz. —Edonola ere milesker behin berriro guztiagatik. —Baita zuri ere. IV Bizpahiru bider hots egin diot gaur arratsaldean, lanetik irten bezain laster, berriro elkar ikusteko asmoz. Badirudi ezustean edo harrapatu dudala, ordenagailuaren aurrean potrojorran, berak aitortu bezala, eta pozik gainera, bera ere niri hots egiteko irrikan baitzegoen; egian esan, asteburu osoan nitaz gogoeta egiten egon da. Ederto ba, ez zen alokairuaren kontura inolako aitzakiarik asmatzeko beharrik. Alokairuarena bigarren maila batean geratu da berehala, tramite hutsa, baduzu azken asteotan esperoen zenuen kontratua, bihar bertan sartu ahal izango zara, baliteke eragozpen xume bat benetan gogoko genuenari begira; gu geu. Proposatu egin dit hiri erdialdeko kafetegi batean gera gaitezen. Ez nuen espero, bada kalean geratuko garen lehengo aldia. Orain arte Alde Zaharreko pisuan edota nire urtegi ondoko etxean elkartu gara bakar-bakarrik, hau da, ezinbestekoa zitzaigun intimitatean eta batez ere geure auzokoen begi luzeetatik at. Duda-mudatan egon naiz lipar batez, ezetz esatekotan. Zertara dator orain kalean elkar ikustea? Badirudi nigandik babestu nahi zuela bere burua. Baliteke niri behin betiko agur esateko asmotan egotea eta horretarako leku neutral baten beharra, badaezpada bide okerretik hartu eta egundoko zezioa egiten diodan, nik, amodioa engainu hutsa zela aldarrikatzen zuen ustezko eszeptiko kaikua. Bat-batean zeharo goibeldu egin naiz, geure orain arteko topaketek omen zuten intimitate goxo eta ezaxolari uko egingo bagenio bezala zelakoan. Nabaritu ere, nik uste berak nabaritu egin didala agurtzekotan nengoen tonu etsia. Horregatik edo eskegi aurretik muxu handi eta bero-bero bat eman dit, ez dakit oraindik nire burutik uxatzeko zer-nolako zalantza. Arratsaldeko zazpi eta erdiak pasa badira. Banago berak desiratutako arima gabeko kafetegi frankiziatu batean zain. Banago ere guztiz artega, ezinegonean, mundu osoa niri begira balego legez. Ez naiz nire hirira lan egitera bakarrik itzuli nintzenetik paseatzera irten. Ez nuen ezelako gogorik lanetik at, hau da, nire astian, txikitako kaleetan zehar ibiltzeko, hiriak jasotako aldaketak edota behin maitatu izan nituen txokoez berriro gozatzeko. Zertarako? Beldur nintzen gogoko ez nuen ezagunen batekin topo egiteaz, eta hiri alu honetan badut oso gogoko ez dudan antzeko jende andana, besteak beste, nik azken urteotan egindakoaz galdetzeko inolako lotsarik izango ez lukeen edonor. Gorroto diot nire buruaz berba egiteari, badirudi berriro lagun edo ezagun modura onartuta izateko nire iraganaren berri eman beharrean nagoela, nire burua nolabait zuritu behar dudala nire burua nik biziki gaitzesten dudan gizarte itsusi, itxi eta hits honen berriro parte sentitzearren. Beldurrak nago, beraz, Laura etorri bitartean aspaldiko lagun edo ezagunen bat azaltzen zaidan nire berri eskean. Badakit gizalegeei erantzunez zenbait zertzelada emango diodala nire azken urteotako nondik norakoez. Baina, jakin badakit ere laster aztoratuko naizela, lagun edo ezagun horrek beste lagun edota ezagun batzuei entzunda edo berak sumatzen duen zer edo zer entzun nahi izango duelakoan. Orduan, antzekorik gertatu ezkero, espero ez nuen kuxkuxero mihiluze baten erruz nire iragana mahai gainean botata, nola esan ahal izango diodan Laurari larunbatean gertatutakoaz guztiz damututa nagoela, guztiz bihozgogorra izan nintzela, guztiz arduragabea bere sentimenduekiko, ikaragarri hotza berak ohartarazi zidan bidegabekeriaren aurrean. Ez dit sinistuko. Are okerrago, nire barruan haren hitz zintzo eta gogorrei muzin, edo agian burla ere, egiten ari nintzela uste izango du. Zorionez, Laura atetik sartu berri da, baliteke inoiz baino pospolinagoa, badirudi lanetik antxintxika, ia arnasestuka, ilea doi-doi apainduta eta aurpegia zein ezpainak bere ohiko margo handiusteko eta koipetsu gabe, nik maiteen dudan bezala hain zuzen ere, haren edertasun gordin-gordina. —Te he traido el contrato. Eskertzen dit horren gustuko dudan irribarretxo goxo horrez, kontratuarena elkar topatzeko aitzakia hutsa zela egiaztatzen didan berbera. Badirudi larunbatean zergatik hainbeste aztoratu zen azaldu nahi didala. Eta bai, nabarmen da motibo franko bazuela Debako plazan ikusitakoagatik aztoratzeko. Nola esan ezetz udaletxeko balkoian eskegita agertzen ziren erretratatuen kideek, edota agian aurrenekoetarikoren batek ere, haren aita akabatu zutela kontatu berri didalarik. Baina ez nau harritu, bere izen-abizenak kontratuan irakurri orduko sumatu egin dut, nahiz eta nire lankideari guztiz kontrakoa esan arren. Ez dago Ullaga asko geure hirian, badaude hamaika Ullaga ordea hegoaldeko Taborniga herrian, seguruenez bere aitaren sorterria, baina hemen ez, eta dauden bakanak oso ezagunak izan ziren aspaldian, hau da, orain dela hogei urte inguru hil zuten Ullaga abizeneko politikari eskuindar hura. (Nola ahaztu erailketa hura, orduko ETA politiko-militarreko kide askoren barrenak eta beste irauli baitzituen, Erakundeararen ekintzei zegokienez delako salto kualitatibo handia zen aldetik). Azken urte luze ta latz hauetan egunerokotasuna mota askotako bidegabekeriez josita egonda ere, goizean jaiki eta irratia piztu bezain laster eguneko atentatuaren berri jaso arren, bortizkeria behin paisaiaren osagarri ezatsegin baina hala eta guztiz ere pairagarri bihurtu eta gero, badago nik sekula ezin ahaztuko nuen erailketa bat: José Miguel Ullaga Rámirez de Ocarizena. —Nola ahaztuko nik neuk ere parte hartu egin baldin banuen! ! Garai hartan Erakundeak, eta zoritxarrez ez dago zein zehaztu beharrik, nontzerberri ninduen. Neure herriaren askapenaren alde lanean nengoela uste nuen, egia esan guztiz konbentziturik nengoen. Franko hil eta gero ezin argiago genuen erregimenaren kolaboratzaileek zein zaleek gure herriak berrogei urtetan jazotako zapalkuntza, bai lankidegoaren gainekoa zen nazio mailan, gogotik pagatu behar zutela, areago, ezinbestekoa zen hauen kontra aritzea eraiki nahi genuen herri eta gizarte berriaren onerako. Guda garaian geunden, edo hori behintzat sinestarazi egin ziguten gure anaia handiek, benetako anaiak ez izanda ere halako azalpenak ematen zizkigutenak, eta gu haiek arestian jorratutako bide beretik joan beharrean geunden, gu ere geure herriaren ohorezkoak izango ginelakoan. —Nola ahaztu nik eman nizkien datuek Ullaga jauna garbitzeko balio zietena? Garai hartan bai, ezkerreko abertzale sutsu-sutsua nintzen, banituen ere nire zalantzak, batez ere noiz edo noiz eta halabeharrez iritsi behar zen independentziaren osteko gizarte horren antolakuntzari buruz; Albaniaren eredua guztiz gaitzesgarria begitantzen zitzaidan, eta behar bezala gogoeta egin eta gero zeharo beldurgarria ere bai. Hala ere, inola ere dudatan jartzen ez nuena Euskal Herria askatzeko eskubidea izan zen, beste batzuek Aljeria edo Irlanda askatzeko izan zuten bezala. Horregatik ezin argiago zegoen ere geure eskubidearen aurka zeudenak etsai genituela, eta jakina, nola edo hala garbitu behar genituela beraiek berrogei urtetan egin ere bezala. Garai hartan nik mota askotako zentzugabekeriak zein sinplekeriak sinistu egin nituen, egia esan, gure herri txiki eta itxi honetan, edonon bezala ere, jende asko antzeko zentzugabekerien alde egon zen, eta gaur egun ere alde daudenak ez dira gutxi, horra hor sugearen azken hatsak, aurrenekoak bezain pozoitsuak badira ere, garai hartan nik egindakoari oraindik eusten diotenak ere bai: pistolariek behar beste informazio bildu euren lana albait arinen eta garbien bete dezaten. Laurak bere aitari bonba ipini ziotenenganako gorroto ezin biziagoaz hitz egiten dit, baina bere aitak autoa non zuen eta goizetan zer ordutan hartu ohi zuen esan zion zelatariaz ahaztu egiten da, ez du ere gogoan hartzen, inork ez gintuen gogoan hartzen, kondenatu ninduten epaileek izan ezik. Nik hiru hilabetez jarraitu egin nion Lauraren aitari egunero. Hala agindu zidan nire auzoko taldeburuak, edo hobeto esanda, nire auzoko Herrikoan denoi aginduak eman ohi zizkigun buruzagi handiuste edo harroputzak, auzoko abertzalerik sutsuena, hots, tabernako ahoberoena, bortitzena, kaikuena. Bada garaia organizazioaren alde zer edo zer egiteko, zor diogun konpromisuari eusteko, hala esan zidan argi eta garbi, ordura arte, hau da, hamaika sabotaje eta kale-iskanbilak egin eta gero, aiko-maiko izan bagina bezala bakar-bakarrik, ala gutxienez gure sakelako diruaz, egunero hamaika Keler zurrupatu eta noizik behin ere presoen aldeko itsulapikoan txanponen bat bota eta gero. Asteburuetako kale borrokan parte hartzeaz eta batez ere hitzez behintzat aldeko nintzen erakundeari laguntzeko unea azkenean heldu balitzait bezala, urtetan, sikiera auzoko lagunekin bat etortzeko edo agian benetan sinistuta nengoela-eta, lau haizetara, eta batez ere nire auzokideen aurrean, hau da, auzoko abertzalerik sutsuen aurrean, etengabe aldarrika ari ginen abertzaletasunari eusteko parada ezin hobea. —Bada garaia erakusteko noraino.... Ederto bada, ezin argiago hitz egiten zuen ikaragarrizko destainaz ere begiratzen zigun astapotro hark. Ez nuen luzaro hausnartu behar izan, banekien, edo gutxienez hala sumatu nuen, nire Erakundearekiko betebeharra ez zela hainbesterakoa izango, ez bainuen inola ere edozein ekileri eskatu ohi zaizkion baldintzak betetzen, batez ere konpromisoari zegozkionak, besteak beste nor bere bizitza kartzelan edo hil arte ere ematerainokoak, eta hau guztia gutarrei nahitaez eragingo nizkien atsekabea eta samina kontutan hartu barik. Bazen inola ere gainditu nahi ez nuen muga bat, hori zen nire baldintza bakarra orduko Erakundearen auzo-buruzagiaren aginduei men egiteko, ahaide nagusiei ahal izango zitzaidan neurrian lagunduko nien euren ekintzak gauzatzearren, informazio lanetan edota agian auzoko logistika moduko zertxobait eraikitzeko ere bai. Baina besterik ez, ez nuen inolako asmorik nire etorkizuna arriskutan jartzeko, eta ez naiz ari kartzelaz, erbesteaz edo dena delakoaz, burutzear nengoen kazetaritza ikasketez baino, kazetari izan nuen-eta. —Ez dut uste ariketa hobeagorik topatuko duzunik zure curriculum hori osatzeko... Ez ninduen konbentzitu, are gutxiago barrerik eragin. Hala eta guztiz ere, aspaldi hitza emana nuen, aspalditik nire auzoko Herrikoekin harremanetan bainenbilen, eta aspalditik ere konbentziturik nengoen nola edo hala nire aberria askatzeko ezinbesteko harri koskorra bidera ekarri beharrean nengoela. —Zorionez badaude oraindik euren odola Euskal Herriaren alde emateko gertu dauden beste batzuk. Guztiz hobeto nire moduko koldar edo egoista guztiontzat, nire aldetik behintzat euren alde egongo nintzen betiere, behar beste ekitaldi edo diru-bilketetan parte hartuko nuen, presoen aldeko manifa guztietan azalduko nintzen, bai hemen zein Sebastopolen. Azken buruan ni ere abertzale sutsu-sutsua nintzen, sutsuetan sutsua izateko asmotan ere, Euskal Herri askatu edo sozialista bat gogoz eta bihotzez gutiziatzen nuena, baina inola ere nire odola emateko gertu ez zegoena, ezta pentsatu ere. Hori bai, gainontzekoena behar adina. Ni haietako bat nintzen, neure auzoko Herriko Tabernako kideetariko bat bederen. —Zer egin behar dut? Lauraren aitaren izen-abizenak eman zizkidan. —UCDren zinegotzi ezagun bat, geure herriak jasaten duen zapalkuntzaren aldeko faxista zikin bat. Ez nuen besterik jakin behar, haiek erabakitako nire aberriaren etsai ezin aluago baten aurrean nengoen. Erakundeak, hau da, nire auzoko ordezkariak emandako aginduari men eginez zinegotzi haren atzetik gauez eta egunez jarraika egon behar nuen bere ohitura zein ordutegi guzti-guztiak ahalik eta zehatzen jasotzearren. —Gurea bezalako hain hiri txiki batean ez dut uste arazo handirik izango dudanik. Astebete barru ezinbesteko datu guzti-guztiak izango dituzue txerrikume alu horri eskarmentu on bat eman diezaiozuen.
booktegi.eus ATEA ITXI AURRETIK Jon Ander Urkiaga Egidazu “Nire poesia oso merkea da herriaren ahotik hartu nuen debalde eta debalde ematen diot herriaren belarriari” Gabriel Aresti Lau nahi zaitut lau. Olerki lerro bakarraren antzera lau. Nahi zaitut lau. Urte luzetan jardun zitzaion deika, etxeko telefono beretik, egun eta ordu berdinetan. bestaldeko telefonoak deia ematen zuen arren, ez zuen inoiz hartu. Damutu zenean bere anaiordea behar lukeenak erantzun zion: –Hiru hilabete dira zendu zena. Hala zen, han zegoen, hemeroteketan hautsa hartzen, izen-abizen arrotzegiez inguraturik. Zoriontsua izan zen, gurutzeen ondoko azken argazkian ere. Laket dut euriaren hotsa udako asfalto beroaren kontra talka egitean. Laket norabide gabeko autoek putzu inprobisatuetan sortzen duten melodia. Zoragarria da haurren negar-zotin arranguratsua beraien txikitasunaren indar guztiz dihardutenean, zoragarria den bezala urteko egun galduren batean nagitasunaren nagitasunez aharrausi egitea. Baina, zoritxarrez gaur ez da uda, oskarbi dago zerua, eta autoak erregairik gabe geratu dira. Haurrak fresa zaporeko gozokiak miazkatzen dabiltza, eta nik, desira eskuragaitzen kontura izkiriatzen segi nahi dut. Jo dezagun autobus geltokian zaudela, eta guardasolak ez zaituela euri tantengandik babesten. Jo dezagun gabardina handi baten barruan galdurik zaudela, eta autobusak etorri bezala doazela, baina, zurea ez dela inoiz heltzen. Jo dezagun alferrik dela erlojuaren orratzei behin eta berriz begiratzea, segundoek ihes egin behar baldin badute ihes egingo dutelako. Eta zu ez zara inor horri aurre egiteko. Eta antzuak dira mugikorra poltsikotik ateratako aldi guztiak, alferrik geltoki ondoko kafetegian harturiko kafeak... Orduan, egunkaria hartu duzu, eta eskelen orrialdea zabaltzerakoan iruditu zaizu zeurea dela bertako aurpegi zurbilen arteko bat. Lasterka irten zara kafetegitik, eta demagun une horretan itxaroten zenbiltzan autobusak ateak zabalik dituela, zure zain; eta demagun ez dela euririk; areago, eguzkiak gozoki egiten du dir-dir, eta erlojuko segundoen orratza ez doa aurrera, ez duzulako denboraren beharrik. Demagun munduko denbora eta autobus geltoki guztiak zureak direla. Kaixo, aspaldiko. Bai, badakit berandu dela, baina, beranduegi izango ez delako esperantzan idazten dizut. Egia esan, lehenago ere sarri idatzi izan dizut, baina... Badakizu, lotsak eraginda edo... Ez litzateke xamurra izango berriz ere zure ahotsa entzutea, gero zure begi oskarbiekin akordatuko nintzatekeelako ondoren, begi horiekin aspaldian lurperatutako makina bat paradisu ikusiko nituelakoan. Eta ez dut nahi. Ez da erraza, urte pare bat izango dira, nahiz eta, hogei negu igaro izan diren iruditu. Eta bakardadeak beldur dio neguari, elurrari, hotzari, euriari... Bakardadeak ikara dio baita bakarrik egoteari; nik oroimenari diodan moduan, nor ginen ezin oroitzeari. Batzuetan iruditzen zait harri hotz horrek ez duela izen-abizenik, ez iraungitze datarik, ez lorerik... Eta orduan, ea inoiz ezagutu izan zintudan galdetzen diot nire buruari. Zimeldurik daude loreak, udazkeneko haize erre honek ez die mesederik egiten. Baina, garai haietan, haizearen erruz begietara zerbait sartzen zitzaizunean laguntzeko eskatzen zenidan... Zuregana gerturatu, fereka disimulatuen lurraldean barneratu eta haize xirimola bat bailitzan zure arnasa sentitzen nuen nire aurpegiaren kontra talka egiten. Eta udazkena da gaur; eta mendebaldeko haizea dabil; eta etxerako bidean, Kalaia kaletik gora gure azken aberria bisitatuko dut. Gaur ez dizkizut loreak ekarri, baina, hitz hauek zuretzat dira. Ziurrenik, zure alabak hartu eta mila zatitan birrindu arte. Ez zenion sekula nire berri eman, ez daki gure istorioaren berri, ez daki gure historiaren berri, ez daki munduari aurre bakarrik egin nahi zeniola. Eta ez du jakin nahi. Begiak itxiko ditu, irakurri duena amorrazioak eragindako haluzinazio bat dela pentsatu nahian. Eta instant horretan, txikitutako paper zatiak hegaz hasiko dira, noraezean galdurik. Zerumugako bidean doazela lehendabiziko itsaslabarretik behera erori eta bizi berri baten bila betirako itsaso zabalean ito arte. Inoiz ez zion egiarik esan. Ez eta agurraren orduan. Masail banatan musu bana eta “laster arte” sotil bat. Behin ere ez zuen eskutik heldu, edo adatsa laztandu. Ahots goxo eta hizkera leun haiekin konformatu zen. Ezin izan zion inoiz ilargirik hitz eman, ozeanoetan galduriko uharte bakartirik eskaini, edo Balendin deunaren egunean bonboi kutxarik kurtsiena erregalatu. Baina aski zuen elkarrekin egondako uneekin lapurtutako irri bakoitza garaipen bat baitzen berarentzat. Lausengu merkea baino hobe birao garestia. Leialago zaio zintzotasunari. Iluntasunak ez dik beldurrik ematen, bakardadeak ere ez. Ez haiz gauero goiko solairutik datozen hotsen izu, ez eta telebistan ikusitako azken filmaren beldur. Gerrek ez ditek ikararik eragiten higan, ez begirada galduek, ez irribarre pozonduek, ez anabasak, ez ahultasunak, ez eta aterik gabeko kaiolek... Larderia zer den ez jakiteak soilik izutzen hau. Faltan sentituz gero oroituko naz zutaz, faltan sentituz gero baino ez. Osterantzean, danak jarraituko dau betiko lez. Barre egingo dogu nerabezaroko urteez, barre egingo dogu Besteak beste, hainbeste urduritzen gintuezen garauez. Madarikatua alkar ezagututako lekua, zorigaiztokoa garagar zuku epel hura eta hamargarrenaren ostean etorritako sasi-promesa guztiak. Faltan sentituz gero oroituko naz... Faltan botaz gero baino ez. Ordura arte ez egizu dohainiko deirik espero. Bitartean, burla egingo deutsegu nerabezaroan menpean hartuko gintuezela uste zeikien sasikume danei, keriaz begiratuko deutsegu. Gaur ez dago aitormenik bafleetan aspaldi dantzatu genduan azken guda dantza, halan be, piratak izango gara kupeleko atzeneko olatu apartsuetan. Eta itsaslapurrak izatea galarazoten badeuskue amets-lapurrak izateagaz konformatuko gara iratzargailuek erreboltari ekin orduko. Auto ilaretan marrei segika hutsuneei zirika asfalto beltzetan. Inoiz lotu ez ziren amoranteak ziren. Errotuladore bati gora-behera batetik bestera gorri, berde, more. Gurarik gertuen margotu zintuen. Lainotik lainora salto ta irrintzi infernuan bizi ginen hain gustora. Bekatuz bekatu zer ba engainatu? Teilatuetan oinak zoruan burua agurtuz negua eginik eginak. Otsail hareetako hogeita hamarrerako. Putzu lohi bateko zapaburu artean kilimak oinpean ume izateko. Agurturik trenak eta amets denak. Esadazu astiro baina esadazu irri bat hartzazu ta eguzkira igo. Zenbat, non, noiz arte garenaren parte? Erantzungailuan mila eta bat mezu ilargiari kexu ozen pulpituan. Azkeneko intxaurrak eta azken agurrak. Lehorreratzen gara eguzkia oheratzen denetan; baleak igeri dabiltza zure begietan eta itsasoak zeruari emekiro xuxurlatzen dion koordenadetan zipriztinak isurtzen dituzte. Eta maitasunari buruz hitz egin didazu, baina, txinboak soilik erreparatu nahi ditut dantzan. Hondar garauak laztantzen dituzu biolin kordak ukitzen diren otzantasunarekin. -Begira-, esango didazu, kaio saldoa atzamar erakuslearekin seinalatuz. Nik olatuak zenbatzen jarraitu gura nuke. Nartzisistak gara gure baitan, eta libre diren orrialde birjinak zikinduaz atxilotzen ditugu berbak gure askatasunaren truke. Fotokopiatu gura zintuzket berdin zintezkeen heinean desberdin izan zaitzadan aldioro. Batzuetan badirudi zerua eta infernua pausu bakar batera daudela, eta jendeak itxaron zerrenda amaigabeetan izena emanda du batetik bestera igarotzeko. Abuztuko ekaitzak uharteak dira, bizitzea egokitzen zaizkigun hirietan galduriko uharteak. Hala ere, badirudi maiatzeko egun goxo batean bota duzula aingura, baleak hondartzara lez, azken hodeiek eguzki borobil berora jotzen duten maiatzeko arratsaldeetan. Agidanez, zure ile kiribilduetatik txori jaioberriek burua lotsaz ateratzen dute mundu berrira; eta asteak ostiralez soilik osatzen dira bizitzari diskriminazio positiboa aplikatuz. Zure ahotik sekula ez da iraultza, berdintasuna, elkartasuna eta maitasuna bezalako hitzik atera eta, ukabil bakarra altxatu ordez, beso biak goratzen dituzu zabal-zabalik gerturatzen zaizun oro estutzeko. Antza denez, kalefakzioek Antartidako izotz zatiak urtzen dituzte, eta tanta berri bakoitza zure azaletik behera doa. Intentzioz beteriko mendeen ondoren gaur gabaz, izar iheskor bat lapurtuko diot infinituari, jatorrian zainzuriak gordetzeko poto bat zena altxor-kutxa bilakatuko dut. Isiltasunak ez du galbiderik hitz egiten hasi ezean. Lurrikarak. Izuaren zantzuak besterik ez omen gaitu gogoko lantzean. Gure baitan ostontzen garenetan maite dugu libertatea. Maindireak. Ohantze egin gabeetan, argitan naufrago izatea. Poesia klandestinoetako lerro-arte enkriptatuak. Suak. Ahaztu promesak biharko eta ez ditzagun garbitu eskuak. Noski, batean ez bada, bestean; gutxi batzuetan ukatu. Igogailuak. Bizirik gauden bitartean zoriontasuna litroka zenbatu. Isiltasunak ez duelako galbiderik hitz egiten hasi ezean. Irri egingo du, irri egingo du barruak askatzeko gai denean. Irri egingo du negar egin ondoren. Eta jabetuko da mina eta poza poema berean joan litezkeela. Bere poemaz jabetuko da. Eta ondorenean arribatuko dira dantzak eta kantu zaharrak, eta elkarrekin irri egingo dugu irri egin duelako. Bizitzak sarri erakusten du zer den bizia: Correosetik ailegatutako azken notizia, autobusean hutsik doazen eserlekuen zenbaketa. Tarteka, amets egiteko egunsenti galduak. Lizunak, zarataka hasi nahi luketen mutuaren hitzak. Poste elektrikoetan pausatutako azken txoria siku geratu zen. Umetako kanika koloretsuak ez ditu oroitzen itsuak, baina, ez zaio arrazoirik falta. Solte duzun azken botoia arriskutsua da irudimenarentzako; gaixotu egiten zen zure gutunak usaintzen zituenean. Geroztik, usaintzen ez dituen arren gaixotzen jarraitzen du, ez zizun jaramonik egin, ez du zure azken botoi soltea lotu. Aurrera joateko eta beldurrak ez zaitzala atzeratu esango dizute, entzun diotsuena. Baina, ez izan atzera egiteko beldur, atzera egitea ere ausardiaren sintoma bat baino ez baita. Dena digitalizatu den komunikazioaren aroan sentimenduak kable bidez doaz, ferekak, antza, pantaila baten aurrean egonez sentitzen dira, eta maitasun kopurua GBetan neurtzen da. Eta beharbada, horregatik kostatzen zaigu horrenbeste barkatu hitza ahoskatzea. Edo begietara zuzen-zuzen begiratzea inork biluzteko beldurrik gabe. Martxoak 20, iritsi da udaberria zure katilura; jendea, ahalke, tabernetako terrazetan batzen hasi da tantaka. Luzea da uda. Sandaliak, gona motza eta tiranteetako marradun nikia jarri dituzu estreinakoz. Ahaztu dituzu ama eta euria Aitor eta hotza Eskoziako hodeiak. Ainhoak deitu dizu gaur, kukua entzun omen du lehen aldiz. Bizkorra dator txikia. Eurocrazyak ez du eraginik izan antza txoriengan. Ura –minerala– eta plater bete raba, ordu-erdiko lasaitasuna eta egunkari tximurtua, ticketak ageri duenaren bikoitza ordaindu dituzu. Jaiki zara aulkitik. Zerbitzariari keinu egin diozu ezkerreko begiaz maleziaz pozondutako irribarrea eskaini bitartean. Ez dezala gaizki ulertu. Udaberria da eta pozik zaude ez zaitzala ezerk izorratu. Ez dago bide onik ala bide txarrik, pauso zuzenak ala pauso okerrak baizik. Badakit ez garela hondar ale bat besterik unibertsoaren handitasunean ñimiño. Badakit itsasoan urak handi direla igeri egiten ez dakienarentzat. Badakit haritzaren ezkurrak haritza sortuko duela haritzak ezkurra ernal dezan. Badakit harria ez dela herria baina, bai harrizko herria herri errotua dela, eta ez herri harritua. Badakit ere, gorrotoa dela lur idorraren zuku etsaitasunaren tanta bakoitzean. Badakit petaloen gaineko garoak ez diola egarririk kenduko asegaitzari hala ere, freskatuko du egarri denaren eztarri lehorra. Badakit ekaitzak itzartuko zaituela gau bustian maindire leunak zimurtzeko astirik gabe. Beste behin agurtu gura ditut beste behin egurtu nahi ditut azken aldiz bada ere, beste behin. Beste behin erosketa karroetan lasterkatu beste behin eskuak altxatu eta sekula irabazi bakoak ospatu. Beste behin aski dela esan beste behin berriz hasteko eskatu erostetxeetako iragarkien gisan ona, polita, merkea dela sinestatu. Beste behin esnatzen ikusi ametsak kaian utzi beste behin, azken aldiz bada ere. Azken notiziek ez dakarte berri onik. Etzanda igarotzen ditu orduak meta-belarren gerizpean doinu tristeak txistu eginez. Ostiral gauetako azken zurrutadak mozkortzen du beti, ez lehenagokoek, eta SOS ohar poetikoak idazten ditu tabernako paper zapietan, sekula ezagutuko ez duen jendeak irakur ditzan. Ez du salbamendu talderik espero. Kale ilunetatik etxerako bidea hartzen duenean patrikan dantzan dabiltzan giltzek sortutako algara baino ez du entzuten eta soilik sarrailaren aurrera iritsitakoan isiltzen direla ohartzen da. Berak ere dantza egin nahiko luke: tangoa Argentinan, edo twista New Orleansen. Baina, irratiak ez du horrelakorik iragartzen. Zaharrak berri notizia zahar berritsuetan. Arima hozkailuan gorde du lotara orduko, larruazala erantsi, eta hezurretan oheratu da abuztuko beste gau bero batez. Bihar zertaz lotsatu ez izateaz egingo du amets oheratzerakoan, atzo eta herenegun bezala. Abesti bat besterik ez gitarra zahar batekin. Lau akorde, lau sentimendu. Osasunaren truke ihesi doa denbora. Denboraren ordainetan bizia. Eta ezin eskuetan hartu arnasari eutsi bitartean. Abesti bat besterik ez gitarra zahar batekin berba egiteaz asperturik. Ozenegi xuxurlatuz erromantizismoa galdu ez eta ondo entzun dadin. Saiatu, saiatu berriro begiak zarratu eta hegaz egiten xaboi-punpen antzera. Edonon gaitezkeelako, baita gutarrik erbesteenean gitarra zahar batekin jotako abesti bat, besterik ez. Ilargiak ez dio hitzik azken epaiketari buruz denak gurutziltzatu beharko lirateke bere aburuz ez dute esan zer gerta litekeen bihotz guztiak elkartuz baina, irabazi genezake kantuz. Ez zaitez izan uniformeen beldur, maitea; zure irribarreak zabaldu baitezake haitzuloko atea eta indarrak batu, libratu dezagun gure izatea. Isilik! Entzun: barreka ari da ilargi betea. Altxa ditzagun ukabilak gora, eta gorago burua bihar ere oinpean izan dezagun mundua gurea eta guretzat, gugandik gurera, jarririk hitzordua jainkoentzat gera dadin, infernua zein zerua. Goizero arnas dezagun bart sobra geratutako kresala eta bihotzak zimeltzen hastean azkar itxi betazala. Ez dezagun inoiz ahaztu bizitzan ezer ez dela printzipala eta besarkadak erein ditzagun babarrunak balira bezala. Ispilu bat apurtzen denean mila irudi gutxiago daude munduan: unibertsoko punturen batean haur bat negarrez hasten da. Bart gauez, baratzeko lore guztiak zimeldu dira, bart gauez, ilargiak musu eman dienean; lotsaturik. Haurrak negarrari eutsi dio loreak burumakur ikustean. Bera baino dohakabeagorik ba omen munduan. Ispilu zati puskatuak batu egin dira; munduak beste mila irudi ditu. Besteak beste, lehen irudia musu ematen ari den ilargiarena da, hirurehun eta laugarren irudia hosto zabal-zabalez osatutako lorategiarena. Begiek ez dute hitz egiteko gogorik belarriek aharrausi asperraldian beragatik balitz off Gotorleku diren eskuetara daramatza sabeleko mapak behatz errariak pasahitz sekretua behin eta berriz errepikatuz ahaztu ez dadin Mingainak ulertuko balu haginka egitearen plazeraz ezpain herdoilduen barruan nahikoa luke asea gosetzeko Hezetasuna tantaka erortzen da sabaitik. Egunkari horiztatu eta letra txikidun liburuz jantzirik dago mahaia. Kea, arrantzaleen amesgaiztoa eragiten duen behe-lainoa iduri. Garagardo hondarrez beteriko botila ondratuek inbaditutako egongelan dihardute azkenaurreko golpea izango den azken konspirazioari azken ukituak ematen. Dena dago prest: Macintosha (Olivettirik ez, aurrerapenaren izenean). (urezko) Pistolak. (autoekoiztutako) Sentimenduak. (semaforoan erositako) Mukizapiak. Harreman zapuztuak (ezinezkoa da osterantzean). Gitarra bat (trikitixarik ez). (sorlekutik ihesi doan) Aberria. Elkarren arteko lotura aurkitzea baino ez da falta. Ez zaitut gauerdian iratzarriko, egizu lo, baina, goizetan amets egitea ez da zilegi: barrikadak behar dira egun argiz, sua, kristal hautsiak. Ez dizut esnatu behar zarenik esango, eder zaude. Hala ere, banpiroekin dantzan egiteko tenorean irteten dira trenik klandestinoenak galdutako borroken aberrira. Baina, egizu lo, eder zaude. Oroitzen zaitudanean oroitzen ditut pagoak, orbela eta tximiniak oroitzen ditut zelai berde zabalak eta umeldutako begi-niniak. Oroitzen ditudanean atzoko gabeziak amaigabeko solasaldien truk oroitzen naiz gizaki ororen bakardadeaz; oroitzen ditudanean oroitzen zaitut. Eta hitz zerrenda amaigabea osa genezake oroimina, oroitarria, oroigarria... Alabaina, beldur diot, beldur bihar ezin oroitzeari. Oroitu nahi ez izateari. Inork ez zigun ohartarazi horren zaila zela desberdina izatea. nahiz eta maitatzea galarazi, tori besarkada bat. Hodeiez jantz gintezen agindu arren, sasirik ez da lore artean, eta bagara nor, izen eta abizen, isilik egoteko. Horizontearen zain pausatzeko ordenatu ziguten, horregatik ekin genion ortzi-mugarako bidaiari; eta gure pauso bakoitza ez badute entzuten, ez da horizontea iritsi delako, aspaldi heldu ginelako baizik. Ez ezazu ahotsik goratu bihotza, hitz egite hutsa aski da. Ederra delako bake hitzaren hotsa ahoskatu gabe eraikitzen denean. Azken aldia balitz bezala arnas hartu barruraino, gero, irribarre egiteko: sakon. Diru-zorro hustua zure azken oroitzapena izan ez zedin “lagun” deitu nahi zintudan; ispilu hautsien aurrean, hozkailuak giltzapetuz euritakontzi bat izan nahi dut jai ondoko egunetan. Tapaukiek begiradak bahitu dituzte, epeldu ukimena meatze herdoilduetan ez baitago guretzako lekurik. Esan nahiko zenuke kometa koloretsu baten pare infinitura egin nahiko zenukeela salto, iraganera, zure zimurrak denboraren nozio ez balira legez. Eguzki-loreak omen dira errudunak, epaiketa eskubiderik gabe, haien loaldi bakoitza eternitatea delako guretzat. Argazkien gibelean egiten zenuen literatura ere gorrotatzera heldu zara denborarekin, ez dago poesia merkerik, ez maitasun galdurik, ez aberri zapaldurik. Kaietako garabien antzera herdoildu zara oharkabean. Hamar urte izango dira, beharbada, azkenekoz No time for love abestu genuenetik. Gaueko azken argiak ere itzaliz doaz kale estuetatik igarotzen zarenetan. Basaranak noiznahi bildu daitezkeen errepublikakoa zara. Bakero zaharrak, koadrodun alkandora gorria egun elurtuen azken agurra, kafe beroaren lurrina, azken momentuan idatziriko oharrak. Laster itzuliko naiz. Ispiluari begira gaudelarik ez gaitezen nekatu. Kotoizko ametsak opari, eta oparien zirrikitu bakoitza, oroitzen? Oroitzen ur-jauzi erraldoien zipriztin maitekorrekin paperez eraikitako ilusioak? Itxaron iezadazu esna. Ez ezazu bilatu nire begiradarik A-8ko konpontze lanetan eta, ez ezazu estoldetatik behera eskurik luzatu laguntasuna eskainiz. Haurren begiak eduki nahiko nituzke mundua koloretsu ikusteko. Edo koloretsuago. Bazen hiri gorri bat, Baina, zergatik konformatu bakarrarekin? Itsutu egiten zaitu itxurakeriak, eta gero, galipot bota berrian zure lorratzak utzi nahi dituzu; noizbait norbait izan ginenaren testigantza. Zure izen-abizenak alfabetoak gordetzen ditu erabateko disimuluz, laztanek kanposantuan amaitu dute, begirada galduek infernuan. Pozoia dario gure arimari, errukior so egiteko animu barik. Zainak hustu ditzagun, ezkerraldeko garabiei elkartasuna adierazi, gure aberri bakarra mehatze idorrak direla defendatu eta ez dugula azken orduko albistegirik behar argitu diezaiegun. Behinola ostu zizutena errekuperatu baino ez dugu nahi. Dena ez da nahi genuen eran irten, eta orain zertarako atzera begiratu? Elur bolak jaurti genituen kafesnera eta irribarrerik ez genuen berotu. “Etorkizuna” deitzen diote gaur egun. Hala ere, ordutik hona, arnasa sakon hartu eta desagertzeko gogoak etorri zaizkit sarritan. Eta albistegiek baino egia gehiago diote esku laztuek, sinesteari muzin egin bagenion ere. Kanpandorreetako ezkilak supituki gogortu ziren ez baitzuten berri negargarri gehiagorik komunikatu nahi, aldapak gogorrago direlako galgarik gabeko beherakadan. Eta zergatirik izan ez arren ere, arrazoiak asma ditzagun topa-egiteak justifikatzeko. Goibel dago zerua imisituz erre gurako luke lurra. Halaber, bidea luzea eta nekeza da helmuga zein den ez dakitenentzat, eta kantari esnatu arren izarrak itzali egiten dira; banan-banan. Etorkizuna bihar hasten bada ere, indarge emandako pausu bakoitza irensten du horizonteak. Kriseiluek argi hondar bat mantentzen dute, eskuak dira dardara egiten dutenak. Eta zure ate aurrean babesten dira ezkutaketara olgetan dabiltzan haurrak goizeko lehen euri tantekin esnatu arte. “Taupa, taupa, taupa” dio bihotzak, inozentziari deika, iraganean bota zuelako berunezko aingura. Legegizonetatik iheska dabiltzan bandiduek ere ezin izan dute lapurtu esperantza, inoizko begi distiratsuenei beha lurreratu baitziren kartoizko dorreetan aterpe eskatu asmoz. Lainopeko bihotz salatari baso biluzien gauerdiko taupada, nor zara morrontzaren lurrotan? Territorio hezeen arrats gorri, arima urkabeen lautada harritsuen jaurerri. Errukitu bitez azken egunsentia orduko dena gezurtatu zenutenen faboretan. Nor zara zetazko zapi zuriz jantzirik? Odol tantarik ezagutu gabeko errekazkoak, errota zaharren gidaritzapean garaitutako ihesaldien beldur al zara? Lur landuaren antzutasunak itsutzen al zaitu? Garesti gorde genituen arima galduak bizi izukaitzen balioaz ohartzeke geundelarik. Hirian aurkitutako lehen estoldatik behera botaz asasinatu du bere burua telefono mugikorrak haizearekin hartu-emanak apurtu izanaz penaturik. Eta ADSLko militanteek komunikatu bat atera dute protoien bizi baldintza azeleratua salatzeko. Neoizko argiak zintzilik daude taberna gainean une erromantikoetan, abangoardia ziren garaiko oroitzapen bat baino ez delako Lemoiz, eta Nuklearrik? galdetuko baligute gaur, beharbada onartu ere onartuko genukeelako (neoizko argien truke). Ez dago modan liburu zaharren usaina, Ez daude modan autoetako disko raiatuak. Begira, sartu da maiatza, zabaldu du bere betazal urdina portuan, barka iezaiozue, ez daki zertan ari den. Beharbada, inork ez dio esan Euskalduna jauregi elegante bat besterik ez dela orain. Dimisioa ematea luke hoberena. Gure burua ere autofikzionatuko genuke une bateko protagonismoaren mesedetan. Ez dizuet erru osoa zuei leporatu nahi, baina, zerbait txarto egin zenuten. Euliekin batera desagertuko zara eta tren estazioa egunero gurutzatzean dibisen gorabeherei erreparatuko diet, etsairik ankerrenak baino min gehiago egingo didatelako Casio erlojuek, eta hots ozenagoa aterako du ogi xigortuari egindako horzkada bakoitzak. Bien bitartean, buruko gaitz berri bati izen ponpoxo bat aurkitu nahian langabezian amaituko dute Woody Allenen psikoanalistek. Itxaropena eduki nahi dut, patrika zulodunetan bada ere; euliekin batera agertuko zarela esan. ‘Aita, politikan sinesten duzu?’ ‘Bai, existitzen da’ Joseba Sarrionandia Nekez daki askatasun eza zer den askatasuna zer den ez dakienak. 98 txori kaiolaratu zituzten, 98 hitz edo mingain. Eta zuek hala ere, zuhaitzen adarretara begira zabiltzate loreak noiz irtengo zain. Esan zenidan zaila zela, ezinezkotzat jotzen zenuela hegoaldeko haizeak iparraldekoaren mintzoa ulertzerik. Baina orain, denok gaude kubo horren barruan sarturik, borobiltasun arrotzetik kanpo inoiz baino hirukiago izan nahian. 98 haiek 97 bihurtu ziren eta egunero jausten zitzaion hosto bat arbola heldu hari, harik eta, hosto gabe geratu zen arte. Eta ordurako ez ginen ez hiruki, ez borobil ez eta lauki, ez genuen besterik nahi heptagono bat izan baino, bere erpin zorrotz eta alde zabalekin. Baina bai, azpia orbelez bete zedin biluztu zitzaigun zuhaitza. Ez, ez, ez... soineko berri baten esperoan lizundu zitzaigun. Edo... tira! Egia esan, haurdun zegoen arbola hura, bai, hori da! Haurdun zegoela adierazi zidan ipar-haizeak. Eta 98 hosto bananduek, zuhaitz jaio berri bat ernal zuten, besterik ezean, eta ezerezaren artean, gu erditu gintuzten. Bertolt Brechti ahaztutakoa, Badaude egun bakar batez lan egin eta onak diren emakumeak, beste batzuek urte betez dihardute lanean eta hobeak dira, badaude urte luzeetan zehar lan egin eta oso onak direnak, baina, bizitza osoan zehar behar egin duten emakumeak ere badaude, eta horiek dira nahitaezkoak. New Yorkeko auzorik aberatsenetakoan bizi ziren, aitonak hildakoan oinordekotzan utzitako etxe zuri dotorean. Baina dena amaitzen da itxurakeriazko dotorezia horretan. Aita beltza zen, ama, aldiz, goitik behera eroritako burges familia baten ondorengoa. Esperantzaz beteriko begi niniak zituen semeak, ostera, Harry zuen izena. Kostata heltzen ziren hile bukaerara, gosez, ahul, beldurrez. Harryk, egunero 25 km egiten zituen hiriko auzo apal batetako eskolara joateko, ugaritasunez inguratuta egotetik, ezerezerako txangoa egiten zuen egunez egun, ordu-erdiren buruan. Egun hartan nagusitan izan nahi luketenari buruz galdegin zien andereñoak, eta mundu perfektu bat lor zitekeen etorkizuneko aktore, polizia, bankari eta futbol amerikarreko jokalari haiekin. Baina, andereñoak Harryri nagusitzerakoan izan nahi zuenari buruz itaundu zionean, zera erantzun zuen ziurtasun eta konbentzimendu osoz: -Andereño, nik nagusitan komunista izan nahi dut; bai, komunista... Izarrak erortzen ziren gau ilunetan, gosea merke eta ugari saltzen zen egunetan, bertan iraun zuten. Altzairuzko txorien kantek eta ikararen sirenek acappela abestean, bertan iraun zuten. Basoak bizibide izatetik ihesbide izatera igaro zirenean, bertan iraun zuten. Atzerria aukera izatetik aberri izatera igaro zenean, eta sorlekua sekula baino erbesteago, bertan iraun zuten. Justizia nahiak kolore desberdinei garaitzean, eta gorrotoaren zertzeladek paisaiak margotzean, bertan iraun zuten. Bihar, apika, zalantzan jarriko dute zure amonak, bere osabak, haren bizarginak, herriko postariak... ea benetan iraun ote zuten, eta existitu izana bera ere ukatuko diete, neguko zuhaitz eskeletikoen gerizpean historiaren momenturen batean loak hartu eta oroimenik gabe geraturiko legeek. Fakturak, fakturak, iragarkiak, fakturak... Gaur ere ez duzu eskutitzik, gaur ere bertan diraute 650 kilometroek. Inoiz baino garestiagoak dira gaur autopistetako ordainsariak. Eta hautsi nahiko zenituzke mugak eta distantziak. Malko ugari isuri dituzu hamar urte hauetan eta urterik urte, areagotzen doazkizu distantziak eragindako aurpegietako ximurrak. Udak hiriburu galduetan igarotzen dituzu, hormigoi eta porlan artean, urtean zehar erokrazia honen testigu diren kaleak harrizko basamortu bilakatzen direnean; gazteluko harresien bila zu nomada galdu bat zaren bitartean. Beste behin ere ahots urratua, begirada galdua, distantzia eta harrotasuna. Eta kilometro amaigabeak egin ondoren hurrengo goizean zure ohean esnatzen zarelarik berriz ere malkoak, sufrimendua eta maitasuna. Propagandak eta fakturak; eskutitzik ez. Baina distantzien gainetik, autopistetatik landa, eta udako hiri-mortuetatik at: badakizu maite zaituela... ...zuk bera maite duzun neurri berean. Udaberri hartan gorrotoa erein arren, maitasuna bildu zuten ordainetan. Mendekatuko al ditugu noizbait? Ala ahanzturan eroriko gara? Ala, besterik gabe, bakea ezagutu eta bere lagun egingo gara. Aseko al dira inoiz? Ala estatu kolpe bat gutxi delakoan, mundu kolpe bat joko dute? Ala, besterik gabe, gosez jarraituko dute. Itoko al dira azkeneko larreak? Ala igeri egiten ikasi, eta uharte galduren bat aurkituko ote dute? Ala, besterik gabe, sekula ez dira galtzeke dutenaz jabetuko. Esango al dio noizbait aski dela? Ala albistegietako izen galduen zakuan lokartuko da? Ala, besterik gabe, gauero, oheratu orduko, koloreetako koadroak margotuko ditu bere aurpegian. XXI. mendea ezkutuan aritzeko garaia al da? Ala kolore anitzetako oihal zati baten atzean ostentzeko garaia ote? Ala, besterik gabe, etxe barruan, gizartetik at maitatuko dute elkar. Abuztua da Bilboko kaleetan, baina, iturrietako urak ez du oporrik hartzen. Egunkariko lehen orrialdeak bere buruaz beste egin duen azken barraskiloaren berri eman du, kanpai hotsek usoak ikaratzen jarraitzen dute eta herritarrek maileguak eskatzen dituzte gerizpeen prezio garestiak ordaintzeko. Kale Nagusiaren erdian Bilintxen bertsoak kantatzen dituen eskaleak ez du gaur ere diru askorik lortu, Txirritaren bertsoekin saiatuko da agian bihar. Hala ere, egun hauetan korteinglesa inoiz baino ingelesagoa da. Semaforoa gorri dago, baina, haurrek sokasaltoan jarraitzen dute, eta arima aspaldi usteldutako jendea ikus daiteke egindako bekatuak kutxazain automatikoei konfesatzen. Oporretan, abuztuan itxita. dio kartel batek hiriaren sarreran, baina, polizia-etxe gorrituek ez dute oporrik eta erosketak egiten dizkiete agure elbarrituei. Abuztuko gauak ohikoak baino ilunagoak dira, batez ere farola hondatuen azpian, eta inork ez ditu azken oihuak entzun. Gari oker dago Bilbo zaharra dela esatean; Bilbo kosmopolita delako, modernoa eta europarra. Zergatik? Bagarelako nor, badugulako nola. Leiho aurrean igarotzen zituen orduak gardentasunetik harago zeru zabalari begira egutegiari sehaska doinuak abestuz etengabeko ihesaldian. Negarrari ekiten zion, berriz, igande gauetan, irratia piztu eta loak hartu orduko. “Dena konpon liteke” zioen, “baldin eta, munduari goxotasunez begiratzen badiogu”. Inoiz ez zion inork jaramonik egin. Udazken orbelak legez erortzen dira hegazkinak. Baina, ez da New York, ez Kabul, ez Basora. Eta paperez eginiko itsasontziek ezkurrak jaurtitzen dituzte erreka ertzera. Mutu ziren begi haiek. Biolentzia merkea zen bere begietan, eta biluzik ikusten zuen bere burua ispilu aurrean jartzen zen aldiro. Morts pour la Patrie abesten du gaur egun, batez ere, arratsaldeko laurak igaro eta oraindik gosez dagoenean, Morts pour la Patrie, koilaradun soldaduak. Egunak luzatzeari ekin dio hari fin baten antzera. Orain, telefono zenbakiak memorizatzeko denbora gehiago dugu, denbora gehiago automobilen matrikulak buruz ikasteko, ahateei ogi papurrak emateko, norbere buruari eskutitzak idazteko. Hala ere, tai gabe gabiltza zenbat hilberri igaro diren memorian iltzatzeko. Telefonia konpainien mozkinak puztu egiten dira haurren koloretako puxikak baliran, baina, askoz ere inozentzia gutxiagorekin, eta gu, koitaduok, inozoegiak gara ezer komunikatzeko. Inoiz galdetu al diozue zuen buruei Bilboko metroan zer dela eta entzuten den horren kastellano gutxi? Debekatuta ote dute hizkuntza maioritarioek bidaia? Metroaren ordez zentimetroa behar al dute hizkuntza arrotzek? Garestiegia ordainsaria? Lotsa? Beldurra? Inoiz galdetu al diozue zuen buruei Bilboko metroan zer dela eta entzuten den horren kastellano gutxi? Nortasun agiri bakarra hau da hemen. Hemen nortasun agiri bakarra hau da. Hau da hemen nortasun agiri bakarra. Nortasun agiri bakarra hemen hau da. Hemen hau da nortasun agiri bakarra. Ez daitezela tribuaren azken hitzak izan. Munduaren akabera desio dugun egunetan konturatzen gara zeinen tragikoak diren liburu piloetatik erortzen diren hauts maluten bizitzak. Hiri bakoitzak du bere Dublin propioa, egun grisak eta garagardo ustelduaren usaina... Sindikatuak ere burutu du bere azken asanblada eta tabernak goizaldera arte zabalik egon daitezen borrokatuko da proletalgoa. Euliak simaurrera legez gerturatzen dira gizon-emakumeak erakusleihoetara azken tendentziako plasmadun telebistak liluraturik, Nerbioi ibaiaren izena ilegalegia dela salatzen diharduen kazetariaren azken hitzak entzunez. Iluntzean, eguzkia oraindik ere guztiz sartu ez denean, bakardadeari adausi egiten ari diren bizkarrezur abandonatuz betetzen dira lokutorioak. Egun horietako kaleak dira babesleku egokiena sekretuentzat, eta etxeak familia eredugarriz betetzen dira astiro-astiro: Teleberria ikusten dutelarik asaldatu egiten dira euren buruen protagonismo gabeziaz. Gainera, oraindik ezin dut ulertu zer dela eta ez dioten literatura Nobel saria Marxi eta Engelsi eman, post morten bada ere. Horrelakoak dira egunak munduaren lagin honetan, egia bakoitzak hotzikara bat sortzen duen ringean, egunsentiari autobus geltokietan itxaroten zaion aldean. Poetarik handienek ukatu egingo dute tabernetako komunetako ateetan poesia egiten denik, “Apologia da, apologia hutsa”, esango dute. Purutasunean itotzen ote gabiltza? Baina, nik ere modu berean igorri nahi nituzke gorrotoa zein maitasuna. Hain geuretarrak gara munduaren alde honetan... Batzuetan bereber izan nahi nuke, estralurtar besteetan, nire izateaz nazkaturik, edo nire izateari agidanean dagokionarekin akiturik. Horrenbeste baimen behar dira garena izateko. Olatu galduak baino ez dira goizeko lehen orduak, baina, itsasargirik ezean, bart gaueko kafe indargabetuarekin konformatzen dira, hezurretatik loreak noiz irtengo zain. Arrazoia ere usu eman diete etxeko zapatilei, baina, berandu da, bala batek gurutzegramako laukitxo guztiak bortxatu dituelako. Eta argi gorriz jantzitako portuetan marinel zaharrak begiztatu daitezke habanerak kantatzen, maitasuna garestiegia delako urteen joanean. Alferrik dira malkoak guardasolen aberrian, eta erreumak jotako agureak paretean pintadak egiten dabiltza karmin gorriarekin: Agure bat, hortzorde bat. Eta eguzkia esnatzearekin batera sobera daude hitzak kale kantoietan, ispiluko lurrin metatuan ez baita mezu kodifikaturik agertzen. ASKAtASunA prAKtiKAn jArri behArrA bA-dA demoKrAziAren truKe ordAindu behArreKo SAlneurriA, ASKAtASunAren AlA demoKrAziAren AldeKo hAutuA egin beArKo genuKe????????? ? Suak askatzen gaitu. Txingarrak arnas dira. Ez gara belaunikatuko hizkuntza arrotzez mintzatzen direnen aurrean. Heresiaz akusatu gaituzte. Ez dugu ukatu. Hereje gara gauerdiko bazkan. Gu erre asmoz badabiltza ere, suak gu askatzen gaitu ilargi betearen argitan. Hereje gara bortxazko hierarkien aitzinean. Hereje izan nahi dugu azken erresistentzian. Hereje gara heresiaz, Zugarramurdietan, Sugar Herrian. Izarrek anpulu antza daukie Sanjuan gabeko zeru aratzeko azal ilunean irristatzen. Aiene hotsak heltzen dira baso zaurituetatik barrena gabarik motzena be luzea da. Gernikari lapurtutako kriseilua isiotuko dogu bitartean zuon begiek bidea argitu arte. Barrura begiratzen zuen noizbehinka, ispiluak erakusten ziona gustuko ez zuenean. Burugogorkeriari bertute deitzen zionean arnasten zuen sakonen. Iseka egiten zion munduari borobilegia zelako eta deskantsu hartzera inoiz ausartu ez zelako. Eta maiatz honetan ere ez dugu ispiluak erakusten duena gustuko eta gure barnean begira darraigu inork ez duelako so egingo gure partez. Eta, zuei gustatu ala ez, bizirik jarraitzen dugu. Euskal Enpresa, Anonimorik gabeko Sozietate Limitatua. Hitzak baino ez, antzuak, mingarriak, pozonduak, ederrak. Makiek ezin izan zuten berez argaldu, eta erregimenak garaitu zien. Donald ahatearekin kale izkinako McDonald’sean batu zirenetik ez dute neurriko prakarik aurkitzen. Hitzak baino ez laburrak, luzeak, akatsez beteak. Disko-piratetan daude azken manifestuak, pirata disekatuek garezurdun bandera gorria noiz atera zain. Denda txinatarretan arimaren eta moralaren kopiak saltzen dituzte euro batera Txanogorritxok begiak itxita dituen bitartean. Hitzak baino ez, aditzak, izenak publikoak eta pribatuak. Mahoizko prakak Levi’s markakoengatik ordezkatu dituzte maoistek, eta zapatistek kiroletako oinetako garestiak dituzte gogokoen. Hitzak, hitzak baino ez. Ez zizuten denboraren nozioa galdu ote zenuen galdetu musika jartzen zizuten zure egoera mentala jipoitu zezan ondoren, zigarreta paketeak bata bestearen ostean erreaz barre egiten zizuten, erraiak lasai ez dituenaren algara dorpearekin. Egun hodeitsuetan ekaitzaren beldur izaten zinen leihotik sartutako argiek zure siluetaren gerizpea islatzen zutelako paretan; orduan, Ezin dut gehiago eta lagundu bezalako hitzak dantzan jartzen zenituen elkarrekin. Izutu egiten zintuen laborategietako arratoi zurien antza hartzen zenbiltzala pentsatzeak, gertu zeunden lotura guztiak karraskatzeko. Baina, egutegiak geroz eta egun gutxiago zituen, eta zuk, geroz eta antsietate gehiago. Memoria ezabatu nahi zizuten, akordu naiz Milan markako borragoma batek ezabatu zizula lehen silaba: moria. Ordutik aurrera, negar egitea zer zen ahaztu zitzaizun, lau hankatan ibiltzen ahantzi zenuen, eta ez zinen soinurik primitiboenak ere ahoskatzeko gai. Ez zaitut estutu nahi, laztana, baina, nor zara? “Erre existentzia armatua erresistente armatuena baldin bada”, dio erresistentzia armatuen existentzia arbuiatzen duen ahots erresuminez armatuak. Bitartean barraskilo bat zapaldu du, oskola defendatzen ari dela. Armak, erresistentzia eta existentzia bera ere galdu ditu barraskiloak. Trapuak bandera beltzak neguko edalontzietan. Mapa baten lau ertzak euripetan. Agenda hutsen egunak kitatu gabeko zorrak ugertutako lumak golpeak, borrak. Ametsak ameslariak eta amestu bakoak bakoitzaren erdiak beti osoak. Desio idorretako bide kamutsetatik arnasestuka oihukatu genuen. Ardoa mikaztu orduko bueltatu zintezten kareharrizko dunen aldapak igoz. Norbere ohea baita norberaren oroimen esperantza zenbakietan kontatzean. Hala irakatsi ziguten eta hala sinetsi genuen. Amestu genuen. Lerro hauetan ez duzue irakurri nahi zenuketen ezer irakurriko; eta, irakurri gura zenuten hura irakurri baduzue, ez duzue fitsik ulertu. “... zeren bertsio ofizial faltsuen erresuma da historia...” Hertzainak
HEGAN EGIN GENUEN GAUA Patxi Lopez de Tejada ofizinista da. Beirazko bulego batean zuzenbideko liburu astun artean irudikatzen dut, kontu sakon eta erabakigarriez diharduela. Baina noizean behin, ai! ordenagailu hipnotikotik begiak askatu eta ai! hegan egin zuen gauaz oroitzen da eta tren luze bat, tren oso luze bat imajinatzen du. Eta ume bat, bost urteko ume bat aldiriko trenaren korridorea zeharkatzen, kontrakarrean bagoi batetik bestera jauzika. Demagun udaberriko arrats behera dela, trena Frankfurt uzten ari dela eta infinitura arte bihurkatzen eta sardetzen diren trenbideak ikusten dituela umeak. Eta graffitidun fabrika abandonatuak, baso ilun monotonoak eta gari soro txukunak. Eskuak bete karamelu dauzka umeak. Nora ote doa? Tarteka karamelu bat jausten zaio eta jasotzerako beste bat erortzen zaio. Erori eta jaso, erori eta jaso. Nora ote doa Patxik imajinatu duen umea? Patxi Lopez de Tejada ofizinista da. Balea zuriak imajinatzen zituen Melville ofizinista zen, labezomorroak berrasmatu zituen Kafka ofizinista zen, Walser dontsua eta Pessoa bera ere ofizinistak izan ziren. Gauez betileak erre artean idazten zuen Aresti gurea ere bai. Tren luze bat, tren oso luze bat. Bost urteko ume bat imajinatzen du Patxik bagoi batetik bestera kontrakarrean. Konpartimentuetako bidaiari mutuek apenas egiten dioten jaramonik. Negozio-gizon eta emakume, estudiante, erretiratu eta beste. Beren baitan gordeta. Eta umeari orain erregaliza, orain txupatxusa eta gero gominolak jausten zaizkio lurrera. Erori eta jaso. Erori eta jaso. Alboetara begiratu eta pausua azkartu du umeak. Patxi Lopez de Tejada ofizinista da. Ofizinista izateaz gain poeta da, batere poserik gabeko poesiadun poeta. Patxik imajinatzen duen umearen kontrakarreko ihesak beste denbora eta dimentsio batetara eramango zaitu ezinbestean, gazte eta berde izateari laga genion 1992ko abuztuaren 11-ra esate baterako, edo Turuñuelo (mon amour) delako herrira. Patxiren poemek ez zaituzte axolagabe lagako. Oso bestela eurak irradatzen duten energiari esker, letren materia ez-organikoa, organiko bihurtuko da zure baitan oharkabean. Sastakatuko zaitu goxoki. Patxiren irudimenetik gertu baina harengandik milaka legoatara, Broadwayko Cort antzokian Glenda Jackson Lear erregerena jokatzen ari da, eta nagoen goi galeriatik sirena hotsa aditzen da. Eta Patxirekin partekatzen dudan umezaroko hiri(ai! tragikomiko)-an dut jarrita gogoa. Artean umea naiz, San Bizente parrokian jaunartze garaia da: Ogi zerutik etorria kanta eta kanpoan ke-poteak, harrikadak, garrasiak eta gomazko pilotak, biharamunean jaso eta pilota jolaserako erabiliko ditugunak. Erori eta jaso, erori eta jaso. Zer ari naiz New Yorken?, galdetzen diot nire buruari. Zer ari naiz Bartleby ofizinistaren bulegoko leihotik ikusgai zen, denborak eta itzalak belztutako adreiluzko hormaren bila baino? Gauerdia da eta Patxiren poemak ari naiz barneratzen hoteleko gelan. Leihoa zabaldu dut: sute-eskailera, zabor-kontainerrak, supermerkatu txinatarra, katu beltza. Zer ari naiz Ilargipeko fotosintesia leitzen? Eta kontabilitateko sarrerak diren bezain klaru eta sakon, Patxiren esaldi itxuraz xumeek zulo bat ariman ireki diezazukeela ohartu naiz. Demagun umea dakarren trena Würzburgo hiri tristean geratu dela. Bidaiari bakan batzuk jaitsi eta beste bakan batzuk igo dira. Pausua are gehiago bizkortu du umeak. Enegarren bagoia zeharkatu du, larri eta arnasestuka. Amarekin topo egin du halako batean. Wo warst du denn?, oihu egin dio amatxok, larrituta umearen bekokia musukatuz, aurpegia laztanduz. Negar-zotinka umea. Paper artean murgilduta den gizonak begiak jaso ditu emeki. Gizon garai zimela da, trajeduna. Ile argi kizkur, itxura patrizioduna. Ofizinista. Idazmahaitxoa dokumentuez mukuru baina begirada umeari luzatu dio. Karamelu bat jausi zaio. Ofizinistak jaso eta itzuli egin dio. Bitte! Umearen alaitasuna. Amaren irria. Danke! Eta bizitzaren aldamioak inarrosi ditzakeen poema itxuraz xume bat zirriborratzen hasi da ofizinista, urre zurizko Watermanaz. Patxi Lopez de Tejada ofizinista da. Eta sekula ez fidatu serio itxurako ofizinistekin. Bartleblyk lan egiten zuen Wall Street X zenbakiko leihoak gordetzen zituen edertasun ezkutuko adreiluzko poemak dakartza Patxik. Denborak eta itzalek belztuak. Poema izugarri ederrak. On egin! Mikel Zubeldia Bayreuth-New York, 2019ko maiatza. HUTSA Osatzen gaituen hutsa Atomoak biltzen dituen hutsa Jaten gaituen hutsa Askatasuna ematen digun hutsa Gunea irekitzen digun hutsa Gure aberri bakarra den hutsa Izatearen gabeziaren hutsa Barkatzen digun hutsa Ahaztuko gaituen hutsa Estaliko gaituen hutsa Biluziaren jantziaren hutsa Gosearen asearen hutsa Inguratzen gaituen hutsa Gogortzen - mamitzen gaituen hutsa Desegiten gaituen hutsa Burdin berri distiratsuaren herdoilaren hutsa Zauriaren hutsa Zauriaren ezpainen hutsa Erraietan sentitzen dugun hutsa Argirik gabeko itzalik gabeko hutsa Denaren aurreko hutsa Denaren ondorengo hutsa Zabaltzen dagoen unibertsoaren uhinaz ostentzen den hutsa Unibertsoan uhin bezala eta erdiraino gauza oro bete arte barneratzen den hutsa Eusten gaituen hutsa Erortzean jasotzen ez gaituen hutsa Igarotako hutsa datorren huts MUXU BAT Muxu bat lapurtu ninan metalezko hesian, urtarrileko gau hotzean, itsasoa handiturik eta gaixorik oihuka ari zenean. Muxu bat eraman nuena eta inongo kristaletan itsatsirik gelditu ez zaidana. Ateratzeko tren asko gelditzen zirenean oraindik, hozkailuan janaria hondatzen zen bitartean, ezer esaten ausartu baino lehen, lapurtu egin ninan. Gal ez hezan izan zen, lapurretarekin ez delako lapurra gogoratzen. SURFLARIAK Surflariek munduaren hegian direla uste dute Haien oholen gainean ezezagunean barneratzen direnean Unibertsoaren bazterrean ez hiriarenean Elektroiak astintzen dituzten uhin berberek astintzen baitituzte haiek Abere epelaren gainean zamalkatzen direnean altxatzen duten olatua Izatearen ertzak ezerezaren gainean zabaltzen dituena delarik. Arratseko luzapenean eguna azpian dagoela, barruan, Badakite surflariek, Bidai bakarrak itzultzekoak direla. 47 Gauen segida basamortuaren lilura Zaharraren atsedena gaztearen ardura Itsasoaren galera errekaren onura Alde baten ausardia bestearen laztura Hausturaren jostura Ohituraren padura Jarioan ez dago loturaren tortura Hildakoen oroimena bizidunen kultura ESAN EZ HIDANA Leihoak itxi guztiok Hegazti arrotz bat kotxeetarako ura edaten begiztatu dutela Dohakabetasuneko txoria ei da Gaizki elikatutako animalia bat Kasik aditzen ez dena udetako hasperenetan ez bada Batzuk itsasotik datorrela diote Batzuk itsasoaren bestaldetik Batzuk hemen bizi izan dela betidanik Alde honetan Ikusgaitza den arren uztarrian pausatzen denean gure begirada ere bertan pausatzen den une berean Batzuk hilda dagoela Batzuk gu geu garela Etorkizuneko sekretuak bide dakizkiena oraino mamitu gabeko ametsetan Eta gauzatuko ez diren amets hautsietan Dautzanak, Hik adibidez esan ez hizkidanak. EZINAK Galduko hukeen Oparitzat jaso beharrean erosi izan bahu? Ahaztuko hukeen Agindu beharrean iradoki izan banin? Hitza betetzea eskatuko ninakeen Egitan eman izan bahu? Elkar maite izango genukeen Elkar gutxiago ezagutu izan bagenu Elkar gehiago ezagutu izan bagenu? Zerbait aldatuko genukeen Dena jakin izan bagenu? Egitan? Esango hukeen Galdetu izan ez banin? ARGIONTZIA Hiriko errebal baten izkin batean, Berria izan zena eta zeinaren historia Izatekotan denek ahantzi duten Norbaitek inoiz jakin badu, Argiontziak bere argia barreiatzen du Espaloiko zoladura beraren gainetik Paramentuetako harlauza eta adreilu Beretatik, zirrikitoen sarreretatik, Asfaltoko ertz beretik, Hori azkeneko berrogeita hamar urtetan, Gizaki baten bizitzan zehar, Lau aldiz aldatu dutena, Bere argi zuria edo horia Ilargiaren kolorearen arabera Gordinik, Ez daukana zahartasunaren lilura ere Mamitu ez delako. Bere atzetik kale bat izatera heltzen ez den Sarrera bat badago, aldapa bat ausaz ere ez, Arrapala bat besterik ez inora ez daramana, Zementu griseko horma batera Eratu zuten oholen aknearen orbainak Galdu edo garbitu ez dituena Eta zeinari ahoetatik oka beltz bat Lehortu baitzaion, Garaje batera. Argiontzia ez da ia unatzen dagoeneko, Egia esan ez da asko nekatu inoiz, Bere eramana arina baita, argia besterik ez delako, Eta goiz ulertu zuelako Itsasargi bat izateaz amets egitea Edo pentsatze bera ere Dela nekatzen duena, Garrantzizko zerbait argitzeko esperoan egotea, Krimen bat, aiztokada bat, muxu bat Errieta bat bederen, Egunkarietan agertuko zen zerbait, Ume batzuk harrikada batez Bere kristalak puskatzen lortzea azkenik, Itxarotea dela nekatzen duena, Denboraren astuna arintzen duena Itxaropen bera denbora baino astunegia egiten den arte. Badaki argiontziak bera baina askoz ere adindunagoak Badaudela hiriko hainbat txokoetan Inork ikutzen ez dituenak, Eta urte askotarako, Agian beste mende oso batean Inork ikutuko edo kenduko ez dituenak, Eta bera kentzen badute Bere adineko asko jadanik kendu dituzten modura Modaz edo apetaz, Ondo ibiltzen zirenak eta ederrak zirenak Eta egoera onean zeudenak, Zer egingo diogu ba, Bizitzako legea da. 1992KO ABUZTUAREN 11A 1992ko abuztuaren 11an, Aste Nagusian, Anabel Merino hil zuten, Bera ez zegoen jaietan baina, lankide baten zain baizik Lanera eramango zuena, Intxaurrondon, Baten batek hartu eta bost aiztokadaz lepoa moztu zion ia, Oihukatzeko astia izan zuen baina entzun zutenek Jai giroa zela pentsatu zuten eta ez zuten ezer egin, Eta bera hil zen. Goizeko bostak pasata ziren, ia seiak, eta berak 21 urte baino ez zituen. Bost aiztokada, lepoa ia moztuta. Anabelek Onkologikoan lan egiten zuen orduan Egian zegoenean Minbiziko gaixoak zaintzen, hil ez zitezen edo ataka hobeto pasa zezaten, Eta idazkaritza ikasten zuen. Bere aitak etxetik atera zenean eta lanera abiatu zenean Jende multzoa ikusi zuen eta Zer gertatu da? galdetu zuen, Zer gertatu da? Neska bat erail dutela Esan zion andre batek Esan zion udaltzainak Eta aitak kopetilun esan zuen, Hau nire umeak hartzen duen bidea da Pasa zaitez begiratzera esan zion poliziak Eta han zegoen Anabel, geldo, odol putzu batean, Lepoa ia moztuta. Lur jota, aita etxera oinez iristeko kemena bildu zuen, eta berean Zer gertatzen da? galdetu zion amak, Neska bat erail dutela eta uste dut Anabel dela, Esan zuen, berak ere ez daki nola, Zer? esan zuen amak, Zer? Ez zidaten nire kuttuna ikusten utzi, Ezin nion agurreko muxua eman ahal izan bere masail txuri epelean Dio amak gaur Bizitzaz beterik zegoen nire umea Bere bildotsa ederra zen Eta bere begien distira Bere ohea egina laga zuen ateratzean Dio amak gaur. Ez dute inor inoiz epaitu Anabelen hilketarengatik Familiak beste auzo batera joan zen bizitzera lekutik ez pasatzeko Anabelek ohea egina laga zuen arren Pare bat susmagarri galdekatu dituzte une ezberdinetan baina ez dira inora iritsi aztarnen hariak sinpleki bukatzen ziren. Amak eta aitak eta anaiak Baina batez ere amak Ikerketa bizkortu eta berpiztu nahi zuen Baina ez zekien ondo nola, Poliziak ez zuen asmatzen, Ikerketak ez zuen aurrera egiten Azkenean urteen poderioz amatatzen zihoan, dihoa. Nonbait hiltzaileak bizitza arrunt bat darama Lepoa ia moztu zion egunetik Egun hura bertatik Goizeko bostak pasata zirelako, ia seiak, Eta egun osoa aurrean zeukan, Ez dutelako beste ezerengatik atxilotu Dakigunez, Beharbada bikotetu da eta seme alabak ditu Eta adi egoteko esaten die esnea sutan uzten dutenean, Eta egun on eta gabon eta mesedez eta eskerrik asko esateko agintzen die ere agian. Instrukzioko epaitegiak behin-behineko artxibatze-autoa ematen zuen bakoitzean Egile ezagun ezarengatik Beste aiztokada baten moduko bat zen Ia erabat lepoa mozten ziona Prozedura bizirik mantentzea zerbait bizirik mantentzea zelako bederen Eta auziak kondena itxaropen batera zeraman heinean Nolabait Anabel salbatzea suposa zezakeen, edo bere duintasuna, Edo bere oroimena Edo bere izena Edo zerbait. Zerbaiten esperoan zegoen ama telefonoak jotzen zuen bakoitzean, Zer ondo ez zekien arren, Zoriontasunak alde egin zuen guretik inoiz itzultzeko Pentsatuko zuen amak. Nik bere lankidea izandako neska batekin ibiltzen nintzen bizpahiru urte geroago Onkologikoko erizain batekin Eta larritu egiten zen kale ilun batetik gindoazenean Edo hondartzan etzanda geundela arratsean eta bakarrik gelditzen ginenean Ez dakizu inoiz zer gerta litekeen, zioen Ez dakizu inoiz zer gerta litekeen Eta atzera begiratzen zuen. Merinotarren komuneko goizeko argi gordina edo bazkalondoko bakea ez dira hobeak Gabonetako afariak Edo bere urtebetetzeko eguna baino, Bere umearen masail txuri epelean ama batek ezin zuelako agurreko muxu bat pausatu. ZUKU ELEKTRIKOA Belaki berdeko hezetasunaz dena hedatzen da Eriak eta ez zatekeenaren nostalgiak Eta nekez gertatzekoak ere, Dena kutsatu egiten da arima batetik bestera, Belaunaldi batetik bestera, Barlasai batetik apaletara, Albisteak ere errotu egiten direla dirudi Eta birus letargiko baten gisara beren esporak Behar ez denean askatzen dituztela, Dena isuri egiten dela ematen duelarik Garen loreontziko landareen artean, Eta zerrenda elkarri irakurtzen, berandu edo goiz, Hemen gaudela elkarri ere sinistarazten diogu. Y Geu gara gure herria inbaditu dugunok, Gure haurtzaroko herria, gure arbasoena, Tolerantziaren itxura egiten dugu jendaurrean Baina gero egunez hondatzeari ekiten diogu jo eta su, Proiektu handiak bideratzen diren modura, Izenekin geratzen garelarik azpiko gauzak kentzen, Ikurrekin sentimenduz eta oroitzapenez esterilizatuak, Kolore biziz egokitzen dugularik oskol eta azal oro Geurea barne Hutsik egotea baldintzarekin, Beraz zuka ari zaizuenean, edo hika, ez harritu zuzentzen zaizuena bere buruarekin hizketan ari bada. JATETXE TXINATARRAK Zenbaitetan irudikatzen saiatzera jartzen naiz Nolakoa zitekeen hiria jatetxe txinatarrak etorri baino lehen Zer zitekeen exotikoa orduan, garai gris haietan Zulo gorriak ireki baino lehen, Nik txikitatik ezagutu ditudalako Iritsi nintzenerako bertan zeudelako dagoeneko, Nire aitari batere gustatzen ez zitzaizkionez Gurasoekin inoiz ez gindoazen arren, Baina izeba batek eramaten gintuen Anaiak eta hirurok, eta postre bezala laranja Edo limoi izoztu bat eskatzen nuen beti, Beraz imajinatzen saiatzen naiz jende guztia Nire aita bezala amonarenean bakaltzen igandean Eta bertako jatetxe batera joaten noizean behin Marmitako eta babarrunak eta xerra edo bakailao jatera, Gurin paketetxo bat opilean igurtzeko Mahaian jartzen zizuten leku horietako batean. Zahartzen naizen neurrian hiria jatetxe txinatar Gorriekin ezagutu dudala ulertzen dut, Besterik ez, Ez aurrekoa, ez gerokoa, Biok berriak ginenean boladarekin akordatzen naiz, Eta ez dut uste besterik ezagutuko dudanik, Txoko horiek beren denbora pasa mantsoagorekin baino, Bere musikarik gabeko nostalgia bereziarekin Ikusten asmatzen ez duguna, Ausaz guztiak herri osoan mundu osoan Sare elektriko erraldoi batean Beraien bakardadean konektaturik. Jatetxe txinatarrean gazte batek abestu nahi du Baina ez da ahoa zabaltzera heltzen, Arrain gizen bat berandutzen da ontzian Kristalaren bestaldekoa ura den jakin gabe, Eta ez dute txakurrik onartzen. TURUÑUELO Duela hogeita bost bider ehun urte, Partenoia eguzkipean eraikitzen zutenean, Konfuzio nagusien aurrean makurtzen zen Eta Budak uko egiten zuen aldi berean, Badajozeko Guareñako tenplu edo jauregi bateko patioan, Tartesiarrek hogeita bi zaldi, hiru behi, bi urde, Bi ardi eta asto bat hil zituzten, Oturuntza bat egin zuten (Ez zuten dena jan, noski, ez zuten asko jan, Ausaz hildako animaliak ez zituzten ukitu) Zer ospatzen ez dakigu, zer eskaintzen, Zer eskatzen, zer ordaintzen ez dakigu, Hil zituzten Eta alde egin zuten. Orain abere taldeak Gure oroimenaren lurra zapaltzen du, isilik haiek, isilik gu, hogeita bi zaldi, hiru behi, bi urde, Bi ardi eta asto bat, Beraien begi distiratsuekin guri adi, Guri so, Artzain baten zain edo, gidatzeko zain edo, Deitzeko zain edo, Odolak odola deitzen duelako. Gauez dabilen haizeak ilargirik ez darama. Tartesiarrek abere guztiak hil ondoren, Jan eta edan ondoren, Ordaindu behar zutena ordaindu ondoren, eraikin handia erre zuten Eta alde egin zuten, malko bakar bat isuri gabe, Edo isuriz, Betirako. HEGAN EGIN NUEN GAUA Nire bizitzako ametsik zoragarriena Eta nire ibilbideko nire eskarmenturik handiena Hamabi urteak bete baino lehen izan nuen, Gau batez orduko etxearen aldameneko harmailak Auzoaren goiko partean Jaisten hasi nintzen, Eta ohi bezala binaka saltoka Jaisten hasi nintzen, Eta hirunaka saltoka Jaisten hasi nintzen, Eta halako batean jauzi handi bat egin, Erori, bultzada hartu Eta hegan egiten hasi nintzen, Azpiko aldapa eta etxeetako teilatuak gaindituz Eta zeruko aire freskoa aho erdi zabalean sartzen zitzaidalarik, Masailak hozten zizkidana, Gorputza biratuz eta besoak inarroziz Nahi nuen norantzara jo nezakeela ohartu, Itsasoruntz abiatu nintzen Haizearen txistuan barrena, Etxadi era kaleen gainetik, Hondartzaren muga zeharkatu eta itsasoan Sartu nintzen arte, Badiaren gainetik hegan egiten, Gorputza hotzean biratuz eta besoak inarroziz, Eta han nonbait Begi - bazterretik irla ikusi eta bertaratzeko Gogoak eman zidan, Eta kontuz astiro jaisten Zelai batean pausatzera iritsi nintzen, Eta han gelditu nintzen, eserita, Irla eta Urgull mendiaren artetik Sartzen den itsasadarra distiratsuari so, Nahi nuenean berriro zerura eta nahi nuen lekura Joan nintekeela jakinik, Ozeanoan sartzera ere, Ozeanoaren bestaldera ere, Eta eguna zen. AITZAKIAK Ez zenituelako sekreturik asmatu zuretzat besteentzat adina, Ez zenituelako prezioa eta balioa berdina ez zirela esaka zetozenean galdetzen jakin, Billeteak karten modura jokatu ez zenituelako, Kika zen ez eztula lagun, Gehiegi mintzatu zinelako, ez zinelako aski mintzatu, Begira zeundelako, ez zeundelako adi, Beranduegi, goizegi, Dena azala zelako uste zoroz zuritzen Eta zuritzen eman emango dituzula egun eskasak Erdiko fruitua aurkitu gabe, Ez fruiturik ez dagoelako erdirik ez dagoelako baizik, Edo dena erdia da, dena fruitu, Erdia non-nahi dago eta bazterrik da geratzen ez dena, Txokorik ez, hegirik ez, errebalik ere ez, Eta zuretzat sekretua zatekeena milaka aldiz izan izango da beste batena, Beste batzuena, eta hortaz jakingo zuten dute, Gizaseme bat besterik ez zarelako. ESTANIS Estanisek bere heriotza lorez beteta irudikatzen zuen, Auzoko eguneroko grisean ausaz ezin zuen besterik, Ez ziren baina ileapaindegikoak bezalako loreak, Oihalezkoak, Ezta tailerreko hormako egutegiko neskek Bildotsean zeramatzenak bezalakorik, Nerabezaroko urtebetetze hartan botila hutsak bilduz Lortu zutenarekin amari anai-arreben artean erosi zioten lora sortakoak Bezalakoak baizik, Lurrintsuak, kolore bizikoak eta zuri aratzak, Azal fin leun arinekoak, Ehunka, sabaitik eroriz, airean haien usain gozoa askatuz, flotatuz. Estanis gehienetan, beno ia beti, aspertu egiten zen, Tailerrean, futbolean, tabernetan, berean, Jaietan ere, elkartean, mezetan, mitinetan, Telebista ikusten, irratia entzuten, egunkaria irakurtzen, Txikitan dena berria zen, zioen, eta beno, Dena deskubrituz mundua interesgarria zen, Baina orain?, orain zer? Dena beti berdina da! Egun bat beste antzeko baten ondoren, Astez aste, urtez urte, Ama, eskola, lana, jubilazioa, asperra, hil, Zer egiten duk nik hemen?, zioen, Ni egon ala ez egon denak berdin jarraitzen du, Baina bere ametsean agertzen ziren loreak, Heriotzako lore urdin gorri hori more laranja zuriak Zoragarriak ziren, flotatuz edota airean murgildurik, Eta amets isil horri heldu zion gauero. Egitan hil zenean kutxa batean sartu Eta gainontzekoak bezala zulora bota zuten, Estanis, Jakin izan balu zera pentsatuko zukeen, Agian ezin zutela besterik. GATIBUAK Medoek herria inbaditu zutenean gatibuak preso gorde zituzten, Zelatariak ordezkatu zituzten besterik ez, Ez zieten jana hobeagorik ezta txarragorik eman, Egia esan gatibuak ez ziren ia guda luzeaz ohartu, Zaindariak urduri ikusten zituzten, berriak etortzen ere, Beste ezertan ez zelarik deus antzematen, Eta medoek beren aldetik ez zekiten oso ondo gatibuak zergatik preso zeuden, Galdetzerik ez zutelako izan, Baina preso gorde zituzten hala eta guztiz ere, Badaezpada ere, Zelatariak ordezkatu zituzten Eta jana ematen zieten, ez hobearogik ez txarragorik. BIZITZARIK Bizitzarik al dago heriotzaren aurretik? Galdetzen du Donostiako gotzainak, Bakerik al dago, barne pozik? Dio berak, Begirada errukiorra zuzentzen al diogu Besteari Hedonismoan eta materialismoan galduta Irion ditugun dauzkagun egun gutxietan? Horrek merezi duena dela adierazi nahian Aipatu gabearen izenean egiten bada ere, Ez bestearen izenean, anai-arrebarenean, Anai-arreba edonola betiere aipatu gabea dela aditzera eman guraz agian, Baina ez al da asearen asperra jainkoen neke bakarra?, galdetzea legoke ausaz, Ez al da ordu motzen jarioan norbere burua joaten uztearen hedonismo berak Ezin duenarekiko errukia eragiten diguna? Ba al dago bestearen azalaren gaineko Hartutako egia egiaz harago eraman duen Fededunaren begirada baino zorrotzagorik? Ez al da materiari atxikimendu estuak Hemen eta orain benetan izateko Alienazioaren alferrikako ihesatik ihes egiteko Ate bakarra irekitzen digunik? Ez al da ez daukagun astia zertan eman jakin gabe ibiltzeak, aldez aurretik ez jakiteak, Zerbait egiteko beta eskaintzen diguna?, Galdera ona, Egitan muin biguna erauzten al diegu Munduko hezur hotz kolordunei? Nork daki, jakiterik al dago? Zerekin erkatuz, heriotzarekin? Hutsarekin? Fedeak luzatzen digun bakea Ez al datza aurrera egitean galtzen duguna Ez galtzean? Hori egiazko kontsolamendua al da? Bizitza al da? Ba al dago bizitza heriotzaren aurretik? ZABORRA Eman merkea bakarrik, arrunta, Hori zeinaren balioa jendeek ahaztu duten ugaria delako, Bitxiak naturak oparo oparitzen dizkigunak, Une aspergarriak hausnartzeko beta ematen dutenak, Zaharren edo umeen auzo unadura. Eman debaldekoa dena, zaborra, Inork nahi ez duena, Gauza gastatuak eskuen modura bizi izandakoak, Altzari zikinak, jantzi zimelak, Egiazko askatasuna ematen digun pobrezia, Denbora joritasuna. Eman modan ez dagoena, oraindik erabilgarria dena, Beren kasa dagoeneko aberatsak diren traste edadetuak, Bizi izandakoak, oroitzapenak dituztenak, Ahaztuak, bakartiak, nekatuak, Amortizatuak, aspaldian ordainduak, denboran ere, Desiratu ez dudana, amestu ez dudana, Baina eskatu gabe ametsen lainotzean bilduta etorri zaidana. Eman fruitu eta barazki itsusiak, Berririk edo garestirik ez dut nahi Hilek emeki hautsaz ereindutakoa baizik, Ezustean hautsia, Lanabesak beren eginkizunengandik eta betebeharrengandik erretiroa hartuak, Antzinako gauzak zeinei edertasuna eta garrantzia gabeziak ematen zien beste ezerk ez, Kolorea galdu duena, hezetasunak alferrik hondatutakoa. Hosto berdearen gaztetasun zaildua Guztiona dena inorena ez delako, Eman saldu ez zena, Eman soberan dagoena, Eman zaborra. KATU HILAK Zenbaitetan lanera abiatzen naizenean Edo handik arratseko azken orduan Nirera autoz bueltatzen naizenean Errepidean katu hilen gorpuak dakuskit, Saihesteko maniobratzen dut ere, besteak bezala, mimetismoz? Dagoeneko hilda dauden arren, geldo, Gurpilak zikindu ez arren?, Katuen estutxerik gabeko gorpuak argitan egun batez dautza, ez gehiago, Biharamunean desagertu egin dira, Ez ditu inork kutxatila batean sartzen baina Gizasemeak ez direlako, Gure inguruan bizi diren arren, Gurekin beste inon ez, Nork jasotzen al ditu katu hilen gorpuak? Lurperatzen al ditu? Coca cola koloreko beren odol beltza Ahotik bota dute katuek Harrapatu dituztenean, Niri ez zait inoiz gertatu katu bat harrapatzea Baino noizean behin katu hilen gorpuak Errepidearen bazterretan edo erdian dakuskit, Estutxerik gabe, zeruan lurperaruta. Baten gezurra beste baten egia, baten itzala beste baten argia, batzuei liliak hilobiaren gainetik ezartzen dizkiete edo oinetan, erbi - txakur leial baten antzera, airean erre daitezen intsentsua lez, eta beste batzuk sorta bularrean eutsirik lurperatzen dituzte, nonbaiteko suren batek bat pizteko zain, hor garailearen galtzailearen gerra, hor ikaslearen irakaslearen okerra, hor zuriaren zurian ederraren izterra, langilea eta alferra, jabea eta maizterra, loreak kopak baitira non egunen amodio zirtatsua dastatzen dugun buket bat opalduz apika, batzuk bularrean estutzen dutena, beste batzuk ontzi batean uzten dutena etxeko leihoen zeharkako beroak masal ditzan arima lurrintsua askatuz, bihotzean sar dadin, eta beste batzuk biloan edo papar-hegalean lotzen dutena, bihotza estaltzen duen jantziaren gainetik, fruituren bat ematen dugunarena egiteko, zaldi batek gizaki bat gainean izanda senti zezakeen gauza bera hain zuzen ere. Duela urte anitz Jakara nindoan autoan goizeko bostetan edo seiretan eta errepidearen bazterretik tipo bat korrika ikusi nuen galtzontziloetan, orain zergatik presaka zebilen badakit. Z Baten gezurra beste baten egia, baten itzala beste baten argia, batzuei liliak hilobiaren gainetik ezartzen dizkiete edo oinetan, erbi - txakur leial baten antzera, airean erre daitezen intsentsua lez, eta beste batzuk sorta bularrean eutsirik lurperatzen dituzte, nonbaiteko suren batek bat pizteko zain, hor garailearen galtzailearen gerra, hor ikaslearen irakaslearen okerra, hor zuriaren zurian ederraren izterra, langilea eta alferra, jabea eta maizterra, loreak kopak baitira non egunen amodio zirtatsua dastatzen dugun buket bat opalduz apika, batzuk bularrean estutzen dutena, beste batzuk ontzi batean uzten dutena etxeko leihoen zeharkako beroak masal ditzan arima lurrintsua askatuz, bihotzean sar dadin, eta beste batzuk biloan edo papar-hegalean lotzen dutena, bihotza estaltzen duen jantziaren gainetik, fruituren bat ematen dugunarena egiteko, zaldi batek gizaki bat gainean izanda senti zezakeen gauza bera hain zuzen ere. Duela urte anitz Jakara nindoan autoan goizeko bostetan edo seiretan eta errepidearen bazterretik tipo bat korrika ikusi nuen galtzontziloetan, orain zergatik presaka zebilen badakit. HIRIA Hirira iristen naiz trenean, eta espaloiak ibilkatzen hasi bezain laister eguzkipea kentzen didaten bolumen altuen ertzek arima hozten didate. Berrogeita hamar metroko eraikinak, gehiago, kotatik gain, kotatik azpira, nondik atera zituzten ehunka langileek guzti hau eraikitzeko behar diren indarrak, erlaitzak, forjadoak, zutabeak, zimenduak, balaustradak, balkoiak, atariak, eskailerak, sotoak, aparkalekuak, planoak, farolak, asfalto beltz bildua heldua ibai bati egindako argazki bat bezala, aldamioak, garrasiak, tutueriak, kritikak, haserreak, elektrizitatea, itunak, kontratuak, despidoak, margolariak, neke bat beste baten atzetik etsipen bat beste baten atzetik egun bakoitzaren bukaeraraino, zenbat jende hau guztia ibiltzen mantentzeko, guztia piztuta, egunez eta gauez, zenbat gogo, egituren astuna nire lepoetan somatzen dut, argia nire zainetan, hezetasuna bularrean, iluna begietan, metala ahoan, orain denak garbi dauden arren, beste auzo bat den kanposantuan ere, azalean belartza eta liliak ipini dituzte berriro, eta solairuaren mailan dauden leiho estuei beroa darie, baina ez du inork jaten hemen, ez du inork arnas egiten, ez du inork lorik egiten edo denak lotan daude, edo neu naiz lotan dagoena, ataketatik zirrikito orotik, ateetatik ahotsak galdu egiten dira, eta nahi gabe edaten ditut, eta joan nahi dudan lekura ailegatzen naizenerako ase naiz, gogaituta, eta ez dut ezer dastatu. BERBERAK Urte berak Hiri bereko Kale beretan Ur bera Ez kolore bereko Ontzi beretan Hausten Izapideak azkartuz Fite iragaiten Abiaburura. GALLETA Hau galleta mistikoa da Hartu eta jan guztiok honetatik Hau bizitza eta egia delako Hau maitasuneko galleta delako Hau jaten duena ez duelako besterik jan ezta edan beharrik Eta barrutik ase geratzen da, Eta galletari ez diezaion galdetu Erantzuna ulertzeko gauza ez dena Edo aditzeko ere gai Galletari entzuteko behar diren belarriak Ez direlako mundu honetakoak, Eta ergela hura galletan ezer ikusten ez duena Galletan gizakiaren iragana eta etorkizuna daudelako, Galleta delako bizitza eta egia. EZ NAIZ ISILDU Soro hutsetan, denborarik gabeko errepide urrunetan, Hiri handi eta txikietan non inork ez ninduen ezagutzen, Bakardadean ez naiz isildu. Egunetan non adi egoteko betarik ez zegoen, Izaki oro higitzen zuen eguzki bete goripean Bakea dakarren euri berritsuz blai Ez naiz isildu. Entzuteko ordua iritsi denean ere, Agur esateko unea pasata zegoenean ere, Sakon arnasa hartzen duten abereak ikaratzeko arriskuan ere Ez naiz isildu. TENPLUA PROFANATUA IZAN DA Nahasketa ez da mamitu Giro epela dela eta, agian, Mandoak unatu egin dira Eta historiaren pasarterik garrantzitsuenak Eta egiazkoak ahaztu egin dituzte zekartzatenek, Eguzkiaren argia alferrik galtzen da honezkero, Izpiek kristalak eta txakurrak besterik Ez dituztelarik berotzen, Eta ez du inork ura edaten dagoeneko, Eta zera da mundu guztiak galdetzen duen gauza bakarra Ea zer ordu den. URA Euri ura gainera erortzen zaigu Argazkilari baten isurkari erreaktibo bezala Eta egun beteaz jabetzen den estalpeko Ilunantzan errebelatzen gaitu, Gu eta gauza guztiak, Barne tristura agertzen edo, Barne poza agian, blai, Harriak, egurrak, izaki inerte oro Beraien baitatik azaleratzen direla dirudi, Blai, begirik gabe baina distiratsu Haiek ere, Abereak nora doazen Non ezkutatzen diren idearik ez, Baina gu eta landareak eta harriak Munduan bakarrik gelditzen garela dirudi, Eta batzuek hor nonbait elkarri musu emateko Elkar erailtzeko beta dakusate, Sortzen akabatzen gaituzten une busti berean, Eta ekaitzak gauza oro biluztu ondoren, Zainak, ildaskak, pitzatuak, azal osoak erakutsi ondoren, Azalak garbitu berritu agertu gaztetu Gorputzak gorpuak iragazi gaixoarazi disolbatu ondoren, Haizeak berriro lehortzen gaituenerako Jantzi garela ematen du. ALTISTEA Altiste batek distira egiten zuen ene maitearen kokotsean Ilargia edo igerilekuaren fokoak ziren ez dakit, Ez hadi ertzean eserita geldi, esan nion, Hemen barruan pizten dena Uranoren isila dela, Pisurik ez dagoela, Eta luma bat bezala haize leun batek Barneratu zuen nire ondora Edan genezan. Altiste batek distira egiten zuen ene maitearen kokotsean Begitik edo ezpainetik zerion ez dakit. HILKO NAIZEN UNEAN Hilko naizen unean Arbasoak ehizan dabiltzan eremuetan altxako naiz Izango naiz Gizaki hila, tximu isila, narrasti arrain ameba Izango naiz Jaten duzun hazia Freskatzen zaituen ura Berotzen zaituen ikatza Ukitzen zaituzten eskuak hostoak Entzuten duzun hitza Izango naiz Beti izan naizena Jaio aurretik nintzena Planeta honetan eguzkiaren inguruan biraka pilpiratzen den baliza, Osagaien osagai mortua bustitzen duena. HOBE LITZAKE Hobe litzake, pentsatzen zuen Antonia zaharrak Gaztea zenean, Hobe zatekeen, pentsatzen du gaur, Arrazoia ekidin beharrekoa beldurra zioa giroa xedea Agian ahaztu zaizkion arren, Batek hau edo hori hautatzen duenean Bere aurrean hartu beharreko bidea zein den garbi dakusanean Hori delako bere bidea Eta aukeratzen asmatu egin du, ausaz Berea egitan ez den arren, Biderik baldin badago. GEHIENGO ISILA Gorpua bero zegoenean oraino ez zuten tutik esan, Isildu ziren, nahita edo zer esan ez jakinda, Zer aipatu, nola azaldu, justifikatzen asmatu ezinik, berdin dio, Eta orain, gorpua hotz, alargunak Eta alargunaren alargunak Isilak eta bizkarrak besterik ez dakuski, Kale taberna denda telebista guztietan, Eta joandakoaren urtebetetzean hutsuneko mina Odol epel putzu baten modura isuritzen dela dirudi Bere oinak beste inorenak ez dituena blaitzen, Norenak?, Beste gorpua oraino bero dagoenean isiltzen dira Besteei isildu izana leporatzen zietenak, Eria seinalatzeko ateratzen ausartu zirenak, Jendearen koldarkeria salatzeko ahoa ireki zutenak, Eta gainontzeko guztiak ere bai, Eta senarrak Eta senarren emazteek Lagunak besterik ez dakuskite, gizaseme zintzo askorik ez, Berriak jaten, isilpean digeritzen, ahazten, Bizkarraren bizkarra, Lilien moreak eta zuriak Harri grisaren idortasunean zimeltzen astero, Ilargia soroak kaleak bideak pizten hilero, Eta autobusen eraman astuna goizero, Neskato batek zera galdetzen duen bitartean Aita ama noiz itzuliko da gurera, Ama aita noiz itzuliko da, Noiz itzuliko naiz ni gurera, noiz itzul ninteke, Bihar? Emozioak ez agertzen irakatsi zioten umeari urte batzuk lehenago Gehiago eska ez zezan, Handia izango zarenean, Hiru edo hiru mila edo hiru milioi arima bakartiekin Non behinola herri bat zegoen, Ez gurasoen ezta gurasoen gurasoen gerren aroan ere, Aurreko garaietan baizik gure gogoan ausaz beste inon ez daudenak, Denok isilarazteko ekarri zituzten bandoak alderdiak ideologiak Iritsi baino lehen, Gertakari ororen krimen ororen isilaldi ororen Konplizeak izatera behartu gintuztenak, Egun ilun argitsu luze haietan Non jaioberriak eta agureak eta gazteak joaten ziren Baina elkarri hitza ematen genion. HONEN JABE Nire amonak besoa lurrean sartu zuen Eta eskuak ernetzen hasi ziren hurrengo negutik aurrera Eusten nautenak, hartzen nautenak Lotzen nautenak. Nite aitona bere ganadu bakarra izan zen Geltoki batetik bestera zeramana, Eta nik ez baldin badut alde egiten Agian berak egin ez zuelako da, Ni ez banaiz isiltzen Beharbada berak isiltzea hautatu zuelako da. Nire amak eguzki orbanak jasotzen zituen Orrien ahoan, arropa zatietan, fruitu gorrietan, Abestien azkeneko esaldian, Eta hori izan daiteke batek pentsa lezake Itsutu ninduena. Nire aitak presa bat eraiki zuen bere zainetan, Odoleko ispiluan gure bisaia ikusteko asmoz, Nirea eta nire anai-arrebena, Jarioa itsasorantz iragazten den arren Hoditeriatik, azalaren azpitik. Beraz guzti honetan, gutxi honetan, Txoko honetan non ura iturriari darion modu berean Zahartzen naizen, Non nire buruarekin su-eten bat negoziatzen saiatzen naizen Munduko gerraren erdian, Eskuak goratzen dituena ez naiz ni, Begiratzen duten begiak ez dira nireak, Eta ikusten dituzuen keinuak ez dira egitan nireak, Ezta mintzatzen den mihia ere, doinua ere ez, Ez hizkuntza bera ere, Ez dira nire hitzak. Izatekotan zera liteke daukadan bakarra, Egunaren ezbaiko luzera eta zabalera, Egokitzen zaidan euriarekin joan baino lehen egiten dudana, Nirea da eta ni naiz Sumina egun bakar bateko hasperen leunean. ATEA Nola dakigu esaten duzuna egiazkoa dela? Galdetzen dio funtzionariak presoari, Eskatzen duzun barkamena benetan eskatzen duzula? Zure damua benetakoa dela? Egindakoa eta egin zutena edota egin zezaketena benetan gaitzesten duzula?, Zein da froga?, zein bermea?, zure hitza? Hiltzaile batena? Honela ez dira baldintzak biltzen, Ez dira prozeduraren betebeharrak behar den bezala konplitzen, Ezin dugu onestu, Bikztimez oroitu, Zortzirehun eta hogeita bederatzi lagun hil dituzue, Mila baino gehiago zauritu, Hirurogeita hemeretzi bahitu, Hamabost milei estortsio egin, Gizartea eskuzabalegia izan da dagoeneko, Eta atea itxita Baita kanpoan daudenentzat ere, Ez baitituzte sartzen, ez dituztelako inoiz sartu, Eta funtzionariak ez die galdetzen kanpokoei, Galdetzen die pistolez berrogei urtez boterea eskuratzen saiatu zirenei, Baina ez die galdetzen berrogei urtez pistolez agindu zutenei, Ez omen da prozedura egokia, Ez ehun eta laurogeita hamabi mila lagun erail zituztenei, Milioi bat lagun bahitu zutenei Herri osoa ez baldin bazen bahitua, Lau mila ehun eta hamairu lagun torturatu zituztenei, Hiltzaileak, diktadorearen laguntzaileak, torturatzaileak Auziperatu ez zituztenei, Indultatu, saritu, kondekoratu zituztenei, Bistan denez ez da prozedura egokia, Aurrena atxilotu, epaitu, espetxeratu, Urte frankoz itzalpean eduki eta erraiak apurtu Egin beharko zizkieten, Galdetzen hasi baino lehen Eska zenezaken barkamena, senti zenezaken damua Egiazkoak al dira? Zein da froga? Zein bermea? Zure hitza? Laurogei urte ez dirudi epe laburra Txanda aldatzeko Edo partekatzeko, Atea ireki ezazue ba Barruan daudenak atera daitezen edo eta Kanpoan daudenak sartzeko. TZST! Isiltasuna bizitzaren zarata da Isilik gaudenean bakarrik gaudelako bizirik, Hala nola elastikoan daramagun garezurra gogoan darabilgunean Egia azaleratzen dugula sinisten Eta ez dugula besteak bezala gure burua engainatzen, Edo partida baten zain dauden xakeko fitxen gisara Autobusaren zain begirada galtzen dugunean, Edo zigarro bat erretzen begiak ilargian josten ditugunean, Hala nola bazkaltzen edo afaltzen bukatzen dugunean, Edo korrika egiten dugunean, igeri egiten dugunean, Edo belar izpiak eguzkiaren aurrean makurtzen direnean Haizea ez dabilen arren, Edo neonargiak taberna hutsean edo betean distiratzen duenean Bide-seinaleen modura, Edo oheak egunean zehar gure beroa ahazten duenean, Edo goiza bezala zibilizazioa oraindik hasi ez denean, Edo berriro irekiko ez den atea bezala, Putzuetako ura bezala Geure buruarekin hizketan gaudenean, Zer da ba isilarazten gaituena?, ardura?, Argia?, Pisua?, Auskalo, Hitza bera agian, gure baitan hazten, Mugitzen garenean, mingainari eragiten diogunean, Bizitzaren isiltasunaren mortuaren erdian Oihu egiten dugunean bakarrik gaudelako hilik. BERANDU Euria ari duelako Ahizpa gaixo dagoelako Autobusa hondatu delako Asmatzen du ikasleak Berandu dabilenean Trafiko asko badagoelako Haurrek iratzargailua ukitu didatelako Nire ama erori delako Asmatzen du langileak Berandu dabilenean Niri ez zitzaidan egokitu Hori ez zen niretzat Zorterik ez nuen izan Parada ez nuen izan Hark ere ez zidan maite ninduela esan Asmatzen dugu guk Ausartu ez ginenean Kikildu ginenean Aukera sortu ez genuenean Berandu delako. BIDALITA Kaxa batean sartzen dena Dena kaxa batean sartzen da Familiako argazkia Bezeroak oparitutako boligrafoa Alabak emandako marrazkia Hori jantzia da Hotzatik babesten zaituen azal fin bakarra Etorkizun horretatik orain dela pare bat ordu Gauzak gordetzeko leku lehor bat zirudiena Eta orain kobazulo heze bat dena Hiri batean beste bat ematen duena Lehenengo ordukoarekin erkatuz gero Besteentzat beterik dirauena Baina zuretzat jada hutsik datzana Non zauri hutsal bat besterik ez zaren Urratu bat Bazkaldu aurretik belaunetan egiten zenituen horietakoa Bazkalondoan ikustean etxekoak jakinaren gainean jarriko dituena Eta ordu nahasi horretan Baserrietan beste modu bat egon behar duela pentsatu nahi duzu Ez dagoela dakizun arren Katebegiak ikusten dituzulako zera gogoratzen dizutenak Dagoeneko ez zarela haietako bat Haietako bat besterik ez zarela. BILA Hidroterapia, tripofobia, Agoraterapia, akrofobia, Koulroterapia, herpetofobia, Musofobia, beloneterapia. SELENE Aralarreko magaletan, gauez, Artzain batek erreakzioko hegazkinak Entzuten ditu bordatik, Bere aitak txikitan Pirineoak zeharkatzen entzuten zituen hegazkin berak, edo beste batzuk, Eta zera pentsatzen du, hegazkin haiek Non agian ez den inoiz joango Sua eta makila bezain egia direla, Ilgoran zeruan sartuta Baten batek Lurrari bota izan balizkio bezala Agertzen den ilargiaren moduan. Gau batzutan, Ilargirik ez dagoenean batipat, Bezain bereak direla ere pentsatzen du. GASOLINDEGIAK Gasolindegiak gustoko ditut Gaueko errepideetan bizirik edo erdibizirik dagoen bakarra direlako, Eguerdia delako haien argi zuriaren baitan, Haien kartel eta apal distiratsuetan, Giro isil horretan non ezbehar bat gertatuko den berehalakoan Edo gertatu den oraintsu Eta polizia ez da oraindik heldu, Non barruan ez daki inork benetan norbait baden ala ez, Ez delako kanpotik kristaurik ere ikusten, Agian salmahaiaren bestaldekoa hilda dagoelako, Gasolindegian non zibilizazioa Non modernitatea agian amaitu den Eta ez gara jabetu Piztuta dirauelako. KONGRESUA Kongresu bat antolatu ahal izateko Aurrena arlo batean ezagutza egoera delako Bat badagoela sinetsi egin beharra dago, Eta ezagutza egoera batengan sinesteko Aurrena ezagutzak arlo horretan aurrera egiten Duela suposatu egin behar da, edo atzera, Beraz mundu honetan dena higitzen eta aldatzen dagoenez etengabean, E puor si muove, Eta gu begira gaudenez, adi, Gaia eta zioa legoke kongresu bat antolatzeko Bost urtero, urtero, hilero, egunero, Matematikan izan ezik, horretan ausaz urtero Egitea aski litzateteke, Aditu asko lanean ari direlako planeta osoan zehar, Eta benetan zenbakiengan ezagutza, horrela deitze arren, Areagotzen dela ziur gaude, gure buruan beste Inon ez guk geuk eraikitzen dugulako, adreiluz adreilu, urtez urte, Aurrekoa ezabatu ahaztu gabe, Errealitatea inoiz ukitu gabe, kalkuluak uretan inoiz zikindu gabe, Beste arloetan beraz, izateari so egiteko (beste) moduei dagokienez, Arazorik ez legoke kongresu bat deitzeko nahieran, Zera da arazoa, Denak abiatuko direla hiri batera edo bestera Ezagutzak aurrera egin duela esatera, Defendatzera, partekatzera, justifikatzera, Batzuk aurrelari gisara haien burua aurkeztuz ere, Eta dena ardo pixka bat edateko, Dena berria dela antzeztuz Gu ere berriak garela ospatzen, topa! ZORTE Zer gerta zatekeen Errusiako inbasioan 1941 mendeko negurik hotzena ez balitz izan, Zer ekaitzak Itsas Armada Garaiezinaren mastak ez balitu eraitsi, Zer Kennedy zapata lotzera makurtu izan bazen autoan Dallasgo etorbidean, Zer beste autobusa hartu izan banu Zu baino bost minutu beranduago edo goizago, Zer filma hori ez banu ez bazenu ikusi izan, Zortea da, zoria, patua, nahi bezala dei ezazu, Jokoaren araua edo, joko bera agian, Gu baino handiagoa dena, gu baino txikiagoa, Garen lekua, osatzen gaituen baldintza, garena, Sekretua eta errebelazioa, Legerik zaharrena, funtsezkoena, ulertu nahi ez dugun bakarra, Ulertu nahi ez izanak Honeraino ekarri gaituena dela nonbait badakigulako. GAUZEN PISUA Nire amonak bere egunerokoa maite zuen, Zenbait erritu zaharri atxikitzea Zeintzuk aurkitzen eta defendatzen Bizitza oso bat eman zuen, Beraz bere egunen segidan, Garai hartako bere bizitzako laborategi hertsian Edozein aldaketa Edozein ospakizun, egonaldi, urruntzeko premia Birus bat zen berehalakoan garbitu behar zena, Konzentratuta baitzegoen bere burua idazten balego bezala Eta errutina jarrai horretan ez zuen etenik nahi, Ez txarrerako ez onerako, Harekin bizi zirenen komeriak, Eguerdiko telediarioak eta bisitak salbu, Azken hauek gela zabal eta argitsu batean hartzen zituelarik Eguzkiak berotzen zituen landareen Eta iraganeko argazkien arteko besaulkietan, Edo noizean behineko senideekin telefonozko Elkarrizketa luzeak salbu, 'Nere belaunaldiko guztiak joan dira' Zioen berak kafe amerikanoa hozten zitzaionean, Ez pentsa halere harentzat bizitza bera birus batean bilakatu zenik, Inola ere, Zera zen, Denen alde ona zekusala soilik Eta ikuspegi hori garatu ahal izateko ohituran aterpetzea bere metodoa zela akaso, Errepikapena, Auskalo, Eta oroz gain gugan bizi zela beste inon ez, Beste inor sekula egiten ikusi ez dudan moduan Bere burua traszenditzen lortu zuela Grazia aldarte batera iritsi arte Non ezer berea ez propiorik ez zeukan, Hainbeste lan eta nekeen ondoren, Hamar seme alaba gerraostean hazi ondoren, Gu eta bere aztura eta bere irizpidea izan ezik, Ezer materialik, ezta metro bat ez ordu bakar bat ere, Ez beste pozik gureak baino, Ez beste tristurik beretarronak baino, Gure lorpenetan garaitzen, Gure porrotetan porrot egiten, Eta horrela zoriontasuna ez zen zerbait jaso zuen nolabait, Gure oztopoak eta bideak Aukerak eta zalantzak bere egiten, Puntu bateraino, maila bateraino Non ez dut uste esaterik dagoenik Badirela hamar urte hil zela.
HITZAURREA 2019ko Loraldiaren itxiera ekitaldia iragarria zen. Guggenheimeko auditorioan lotu ginen literatura maite dugun lagun talde handia. Jesarlekuak ezpondan, bost mikrofonori begira, poesiaren, bertsoaren eta soinuen zain. Bost emakume jalgi, publikoa adi, argiak amatatu, eta Itxaro Bordaren ahotsak euri bizi batek legez melatu gintuen. Aterkirik gabe, mikrofonoa hartuta, ahots hura urte luzez aurrean genituen kolapso- seinaleen agiria irakurtzen hasi zen. Gogoratu zizkigun, itxuratu zizkigun; ezinezkoa zen ez ezagutzea. Hurrengo urtean, seinale horiek guztiek banpez lehertuko zuten gure abaroa. Mendebaldeko hiritar gajook, gure e-hodeian lebitatzen, goxo; urrutiko hondamendiak hamalau —eta guri bost—, baina bertara heldu, eta hau: “Apocalypse Now”. Bordaren boz sakonak irudi sendoak eta bortitzak jaurti, hedatu zituen; eta guk, haiekin batera, tarte apokaliptiko bat ibili genuen, ahoa bete buztin. Orain badakigu, ondo jakin ere, igande hartan entzun eta bizi izan genuen ustezko fikzio distopikoa, urtebete beranduago, errealitate bihurtu zaigula. Ez, Itxaro Borda ez da igarle motela, totela edo erdi itsua; bai, ordea, totala, zehatza eta zuzena. Odolez eta min handiz eraikitako zibilizazio psikotiko honek, lurraz eta buztinaz ahaztua denak, gezurrezko segurtasunaren eta ordenaren diskurtsoekin engainatzen gaitu. Azal ilunekoak bazterrera kondenatuta, gure bistatik at. Ikusi ezin ditugun birusek teknologia-aurrerapenak edo inteligentzia artifizialak kolapsa ditzakete. Ate guztiak itxi ditzakete, gu barruan konfinatuta. Orain badakigu, bizi dugu. Alabaina, Bordaren ahots apokaliptikoak erantzunak ekarri, eta bide zahar-berriak ireki zizkigun: buztinera itzultzea, buztinaren argi-loa berreskuratzea, ikasgai ahaztuak gogoratzea eta munduari berriro neurria hartzea. Geuk hondatu dugun planeta bezain zaurgarriak gara, osagai berdinez sortuak. Zibilizazio honetako dorre, horma eta pantaila altuegiek itzal hertsiak luzatzen dituzte, seduzitzen gaituzte, inguratzen gaituzte. Eta ahaztu egiten dugu gizakiok garen buztina. Ahaztearen ordaina gogoratu zigun Itxaro Bordak, itxaropenez. Aterako gara. Hala uste du egileak. Aterako gara, goiz hartan atera ginen bezala; eraginda, baina sinapsi berriak abian. Begien aurrean duzun material hau antidoto bat da. Kolapsologoek zein pandemiologoek oraindik aurkitu ez duten txertoa. Behar hainbat dosi hartu, beldurrik gabe. Skolastika Taldea I. Apokalipsia iragarria zen. Egunkari eta telebistetan, kolapsologoak agertzen hasi ziren. Jakintsu aireak zituzten. Jakintsu ero muturrak. Munduaren azkenaz desafiatzen gintuzten, ahoak eman ahala, zotinka, irri maltzur bat ezpainetan, iragarleak, gainerako herritarrek pairatuko zutenetik salbatuko balira bezala. Mihi puntan zerabilten. Horma gaindi ezina. Horma erraldoia. Guztiak lehertuko gintuen horma. Kopetak apalik, hormaren kontra tematzen omen ginen, borrokatzen, hormaren abegi ezinbestekoa indartzeko. Hormak ez zuen erori behar. Zer bilakatuko ginen hormarik gabe? Gutako bakoitza, horma bat zen, apokalipsiaren kontra, urguiluz eta kemenez eraikia… Inork ez zituen berri txar hedatzaileak aintzakotzat hartzen. Bazen halako beratasun espektakulu bat. Betikotasunaren sindromeak jo zituen ehunka belaunaldi, jende, aberats ala pobre, txiki ala handi, gizon ala emazte. Nola errautsiko zen, milaka urteetan, hain azkarra eta distiratsua izan zen zibilizazio hori? Gure zibilizazioa? Nola irudikatu, harrizko, beirazko eta berunezko dorreen oinarriak, funtsean, buztinezkoak baino ez zirela? Abereek zuten, soilik, etorriko zen ezin-egona usnatzen, uhuriez, zaunkaz, harramantzaz, marrakaz, auhen elkorrez. Herioa nabari zen haizearen norabidean, elurraren absentzian, euriaren gorritasun geldoan. Sumendiak iratzartzen hasi ziren, banaka, plaka tektonikoak higitzen, uhin handiak oldartzen, tsunamiak izuz eta desafioz esnatzen, pandemiak hedatzen, zabortegiak lerratzen, natura bera, bere gerruntzean txikiegi sentitzen bailitzan. Uhartea, eta inguruan, zabor itsaso bat. Plastikoaren kosmografia adoratua. Fede berekoen arteko lotura kimikoa, elkartasunaren gailurra. Lurra, halaber, lurra, eman zezakeena baino gehiago ekoiztu zezan. Azkenean agortzeraino. Azkenean lehortzeraino. Azkenean buztinaren emankortasuna ukatzeraino. Iragarle totela nintzen. Bazka artifizialen erosotasunetik urrundua, aspaldian. Batzuetan, negarra begian jarraitzen nuen ingurumenaren amiltzea, eta besteetan, irri zakarrak inarrosten ninduen, emariaren aurkako edozein pataska debalde zelako... II. Pastelaz mintzo ziren. Neurri berekoa, itxuraz, beti eta betidanik. Ordea, bixkotxa erreegia jango zutenen kopurua gero eta handiagoa zen. Sukaldari zekenak imajinaziorik ez zeukan. Robin Wooden sindromeak ez zuen balio: ausarki zutenei hartzea, gabetuei emateko… gabetuetara deus ez baitzen iristen. Edo purrustak. Edo zor zitzaienaren itzal fantasmatua. Partekatzea, urriki maltzurraren arabera obratuz. Xederak itxiz. Mehatxu baten antzeko zerbait bazebilen airean. Anartean, zirkuetako musika airosak entzuten genituen, jarraiko informazio kateetako pantailetan hamar lerrotan pasatzen ziren notiziak leitzen, ezker, eskuin, gain, behere, erdi… berri soberakinetan itotzen gintuzten, zirt-zart katodiko horretan, sinapsiak deskonektatzera behartuz. Clown tristeak, txiste matxistetan higatzen ziren, eta gobernariek ez zekiten gehiago, diru publikoa zurrupatzeaz aparte, zergatik zeuden boterean. Munduaren azalean bizitzeko eskubiderik ez zuen arrotzaren nortasuna finkatu zen. Munduaren. Mundu baten. Mundu ororen. Larru beltzak. Zaurituak. Burdinazko harresiak ahur hutsez gainditzean, urratuak. Erretentzio zentroetan gatibatzen zituzten, mugetatik hurbil. Kontrolak, gauez, departamenduko autobusetan. 816 jargia ilun, zortzietatik aitzina. Haur hotzak, kopetak makurtuz otoitzean, jainkoen laguntza erregutuz, frontera pasatzeko unean. Inch Allah. Hala biz. Bamakotik Tangerrera. Gineatik guregana. – Zure amak badaki bidean zaudela? – Bai, bistan dena, Parisera noa. Osaba bat badut bertan. Igurikatzen nau. – Zer egingo duzu han? – Ikasiko dut, arkitektoa izan nahiko nuke eta dirua bidali etxera, sei haurride ditut herrian. Uste duzu Baiona eta Paris arteko autobusetan kontrolik ba dela? – Bai, denetan badira kontrolak, baina zu pasatuko zara. Munduaren. Mundu baten. Mundu ororen. Hamazazpi urteko gazte hutsa, hori bai mehatxua. Haurra papoan zeukan arrebarekin zetorren, Malaga eta Bilbon gaindi. Mundua. Mundua mugitzen ari zen, mudatzen, mututzen. III. Erran gabe doa, mentalki prest geundela. Aspaldidanik. Filmak, liburuak, ikerketak, astekariak eskura genituen etorkizuna irudikatzeko. Indartsua ikusten genuen. Teknikoa. Gaurko betikotasunaren ildokoa. Energia termodinamikoaren eta numerikoaren hegalak gerizatuko gintuen, bukaerarik ez zatekeen, nahiz eta irratietako lokutoreak bukaera aire sentitzen ziren, akituak, zahartuak, tai gabeko berritasunen harian zaharkituak. Leihotik, anartean, euri azidoak. Ttantta gorrituen testamentuak irakurtzen genbiltzan. Ez genekien gorritasuna, odolaren ala lokatzaren kolorea zen. Etxetik ateratzean, larruko poroak oro emokatzen zitzaizkigun, buztinez, ondarez, oin zolak minberatzen zituzten harri pikorrez. Ur gorria edaten zuten emazteek, haurdun zirela, eta umeak besorik gabe sortzen zitzaizkien. Edo sei behatzekin. Edo sexu erdi batekin. Edo belarri bakarrarekin. Edo… Eta haizeak, zakar, azkar, zabar buhatzen zuen. Biribilka. Tornadoak denetan. Ufako bakoitzaren arteko isiltasunean zetzan behialako larderia, zurian beltz, beltzean zuri, niri eta guri eragiten zion, urakanak eramanak zu eta ni bolera zakarretan, azkarretan, zabarretan. Egoitzak eramaten zituzten, lantokiak, biribilguneak, hipermerkatuak, eskolak eta eliza ezberdinak. Birindika. Han hara. Nora lora ez. Begiak zerratzen genituen, sarraskiaren hedapena ez haztatzeko, minik ez sentitzeko. Itsasoaren marrumak entzutean, beldurra pizten zitzaigun erraietan. Gure arrain nostalgia uhertu zitzaigun. Jatorrian, arrainak baizik ez ginen, noizbait eta nolabait elkar aurkitu zuten zelula anfibio soilak, zakatz ahul eta buztan zilarrekin. Ibai zoletako buztinetan gordetzea maite genuen, eta udaberrian, barrakietan gora lehiatzen ginen, biharraz erditzeko. Dunetako espezia-belarretan bilatzen genituen gerizak eta unbeliferoak eskuz harrapatzen, ez erortzeko, ez erortzeko, ez erortzeko. Eroriko ginen alta. Bagenekien. Espero genuen, lerroan eta ongi antolatuak erortzea, ahalik kalte gutxien eraginez, jasanez, pairatuz. Bizitza-higienearen praktikarako baliabideak ikasteko prest geunden, uhin beltzen menpe. Bulimia morbidozko egunak bihikatzen ziren, molekula anitzak eta gorotza berdeak irensten, ahoak bete buztin, sabelak huts etorkizun. Iragarle motela nintzen. Erdi itsua, gainera. IV. Bizi-irauteko kit-a geneukan sakelan. Bistan dena, barne zartatze orokorra ez zen aitzinetik pentsatu bezala gertatu. Ez horixe. Sartaldeko jendartea urratu zen, kotoizko mihise baten moduan, hariak hautsi ziren, iruna andeatu zen denborarekin, suntsiketak ez zuen bakerik eman, koloreak eta materiak desagertu arte. Gitarra eta oud batek sortu melodia ozendu zen hondamendiaren gainetik, Japoniako gerezi ondoak loratu ziren eta zalantzak, guztia galdu zutenen urratsak ernaltzen zituen! Ez genuen deus konprenitzen. Naturaren bortitza kontrastatzen eta balakatzen saiatzen ziren muturreko diskurtsoak. Debaldetan. Hiritarrak, sintesizko irudiz eta solasez beteak zeuzkan burumuinak. Barne zartatzearen itxurak erakusten eta komentatzen zizkion murruko pantailaren abagune gozo eta sukratuaren maldatik ez zen mugitzen ahal. Katastrofea hor zen, inor ez zen buztinezko etorkizunaren hurbiltzearekin, eskapatzeko gai izango. Aire olde saturatuak hauts-hodei beilegiak bultzatzen zituen . Sukalde minetaraino. Hatsa, garbi hartzeko eskubidearen aldeko manifestaldiak antolatu ziren, uhinek itsas ertzeko hiriak itotzen zituzten bitartean. Gehiengoak, ehun urteko ekin-moduaren jarraipenaren premia aldarrikatzen zuen, gasolio merkea, ikatza halaber, negu betean berogailuen eta udaran hozkailuen eromena, elektrikaren ezinbestekoa. Baina akabatu zen guztia, energia, aberatsenentzat zegoen eta diru-gabeak biluz zihoazen, trinkili-trankala, elkarren artean aiher eta gorrotozko hitzak ahoan. Inork ez zuen bere herriaren legeei eta aburuei obeditzen. Moralaren pragmatismoaren larrua urratu zen. Denak, beti, denen aurka. Denak, beti, nire alde. Etsaia, zu zara. Nire baratza ez da zurea. Labana atera dut. Urdaila zirikatuko dizut. Garuna saltsan erreko dut. Agurrik eta eskerrik gabe. Zure kalipuaren premia daukat, zurrupatuko zaitut, baliorik ez duzu, biribil gune honetan, ni naiz ni, suntsipenaren erdian balio duen bakarra. Bide hegian nengoen. Gordetzeko ezer gabe. Begia zulatu zidan maite ez ninduen auzoak. Iragarle totela nintzen eta lekuko aldekoia. Apokalipsia urtzen zihoan, bekaizkeria distiratsuaren ganga magmatikoan. V. Bakoitza bere aldetik ari zitzaion izuaren oihalari tiraka. Ez genuen tokirik. Otsoak iratzartu ziren jendeen bihotzetan, eta ikusten genituen, malkarretan gora, ihesean: goseak akuilatzen zituen. Gintuen. Ninduen. Jendartea zurkaizten zuten tresnak oro desagertzen zihoazen, kontzeptu filosofikoak, jakitate sareak, informazio autobideak… ezer ez zegoen, ezer ez zegoen, nora gindoazen? Norekin? Nola? Hormaren maldan aurkitu ginen. Lagun maskaratuak, anonimoak, Jondoni Joanek Patmoseko harpe hotzean, bi mila urte atzera, beltzatu zuen esku-izkribua erakusten zigun, kopeta apalik, eta horrela, uztai gordinetik libratzeko bidea ireki nahian! Ez, sei ehun eta hirurogei eta sei deabruak ez ziren esnatu, baina suzko zaldunak ezpondetan errotzean, jatorrizko aingeru zurbilek beldurraren gelako ateak banpez itxi zituzten: Apokalipsia gutariko bederaren baitan ohatzen zen, gure biriketan, gure gogoetan, gure zelulen arteko zirrikituetan. Amets gaiztoaren gibelean zer zegoen asmatzen saiatzen ziren, urrezko dorretan gerizaturiko buruzagi hamikatuak. Dudaren ezpatak ez zituen hunkitzen. Hormaren beherean, jendailak, gorputz saltsa burbuilatsu batean ihalozka mirets zitzaketen, eta hor, etorkizuneko buztinaren edukia sumatuko zuten, ber sortzearen materia prima. Ariketa matematikoak eta kalaka zurrunak silogismo antzuetan bukatzen ziren, oihu, negar eta auhen. Kanoi haragia. Menderakuntzaren oinarria. Baztertze sistematikoa. Egitura baten ahultasun sinets-ezina. Herritarrak, harrak bezala lurrean herrestaz. Sabel hantuak. Esku zirrimarratuak. Behartuak, denak, zopa kimikoak irenstera, buztin mokor pozoituak, salda mikatzak, pentsamendu likitsak botatzeko gero, bi eztul elkor eta lau zotin ozen. Nitasun lodituaren likido irakinek, galderak malgutzen zituzten, ezezko borobil batean. Zauriaren zolan mamuak. Ego sum. Hego susmoak. Iraupen baldintzatua, ekai molde-gaitzaren zurrunbiloan. Hitz trakestuak. Diskurtsoak ere fake. Horma lehertu zen, berehala, urrikirik gabe, eraiki zutenak azpian zirtzikatuz. Hertze marmitakoa, zilbor eta garun metak, aluak hamalau zatitan banatuak, desioak eta lehiak kobrezko tupinetan egosten. Gaua, etsipenetik zetorren, ni bezain totel. VI. Laino beltzak. Euri urdinak. Haragi ustelduak, globoaren beste aldetik ekarriak. Lur azalean, hotz izugarria txertatzen zuen vortex polarrak. Teknikak gerizatuko gintuen. Hori zen logaritmoen usterik zabalduena. Garestiena. Zuhurtziaren neurria galdu genuen, maitasunarena halaber. Lokatzezko aditzak ezpainetan, berunezko gogoetak buru-muinean, burdinazko egikerak bata bestearen aurka: ez genuen deus aldatuko, ez zegoen eskubiderik, eredua betikoa zen, betikoa, negoziaezina. Deboilaren urakanak eraman gintuen. Jendarte hiperkonplexuetan bilbatzen ginela zioten. Primitiboak suntsituz geroztik, ideia hori absolutua zen gure baitan. Denbora eta lekua, utopia berdinaren bi ezpalak omen ziren. Automatak bezala aitzinatzeko programatzen gintuzten, zokoratzen, apalesten, inteligentzia artifiziala, izaki arruntaren pentsamendu maila baino eraginkorragoa zela sinetsaraziz. Puntuak irabaztea zaila zitzaigun. Nehork ez gintuen lagunduko. Alabaina. Buztina, sortaldeko mundu laurdeneko jendartea bezain konplexuak zen: silikatozko etorkizuna elastikotasun handikoa iruditzen zitzaigun, leuna, beroa, aldi berean molda erraza eta gogorra. Planifikatzaileek lurralde osoak betonatzen zituzten, buztinarekiko mesfidantza estaltzeko, zemai bermatzen zelako hortxe, hantxe, hementxe. Berdea zekusaten, eta sutan jartzen ziren, ibai ertza, edo, mendi mazela lainoa, eraiki, neurtu, ustiatu, kutsatu, zikindu, beltzatu beharrean: buztinaren musika naturala isilarazten zuten arraiki. Damurik gabe. Damurik gabe. Start up nazioak desiratzen zituzten, robotez mukuru, ordenak argi eta zelda-kaiolak garbi. Metodo zurrunak salgai ziren. Sekreturik ez zen. Berinazko murruek gardentasuna ziurtatzen zuten. Hormaren oinetan, aurpegi izutuak deika agertzen zitzaizkigun. Bakoitzak bere salbamena zeukan helburu. Izerdi tantak. Esperma xortak. Odol bitsak. Malko birlak. Likidoak. Makina erraldoiaren azken perfusioak. Fede lakarren hondar epifaniak. Azkenaren hasiera. Hasieraren azkena. Zazpi episodiotan. Iragarle totela nintzen eta ihes egin nuen. VII. Dante eta Descartes bezala, oihanen minetan galduak genbiltzan, elkarri kolpeka, elkar kuzka eta iraintzeaz beste, nora jo ez jakin, zer egin ezin asma. Metafora ezaguna zen. Zuhaitzen artean gordetzen ginen. Gure itzalak, arbola gorakoien itzaletan dilindatzen ziren. Ez genuen urrunerako so ahalmenik. Iluneko bistarik gabe, argitasun urreak begi ñiñiaren atzeko kristalinoak zarpailtzen zizkigun, eta kasik itsu-mandoka aitzinatzen ginen. Zain optikoak gogortu zitzaizkigun eta besoak laburtu. Ez ginen ezer. Liburu horitua zabaltzen genuen, oihan trinkoaren mapa geografikoa aurkitzeko. Cassinirenean adibidez, lur muturrak eta itsasoak nahas agertzen ziren, zehaztasun eskasez. Paperean, norabideak ezabatu eta eleak elkor hegalda zihoazen, oihan-bazterretan begiak zimurtuz, bizidun makurtuak galdezka akitzen zirela. Auhen luze eta dorpeak hartu zuen leherketaren aurreko haserre uhin gotorra: orduan, denek bazuten zer erran, zer sala, eta botererako bidean, politikari gehienek kolera hori baliatzen, erabiltzen eta manipulatzen zuten. Hormaren hurbila ezkutatuz. Bost axola, zioten, ni, ni, ni, nik neuk, nik neuk… ni, ni, ni, nini. Buztinez emokatu xendretatik abiatu ginen. Harri zaharren higamenetik isuri errauts sedimentuz moldatu lurra lokatz egiten zen, den-mendreneko euri uharraren azpian. Zapata zolak astuntzen zituen, ibiltzea nekatuz. Ez ginen ohituak. Mendeak eta mendeak eraman genituen lohia eta buztina, herioa bezala, zikinak zirela errepikatzen. Ahantzia genuen, bizitzaren buruan, guhaur buztin bolak baizik ez ginela. Haize hotzek eta enbata idorrek errausten gintuzten, porroskaz porroska desegiten eta hala beharrak, asturuz, ezinezko tokietan uzten. Funtsean, ahulak ginen, gure hiltzaile armadura eta garaile sozial maskaren gibelean. Oraino eta oraino. Oraino eta oraino. Memoriak, inta latz heze irekitzen zitzaizkigun. Arbolak izu iturri ziren, abar biluziak neguan, birika lehor antzera hedatzen zirela, Cassiniren maparen moduan zeru goibelen eremuak hornituz, bideak ziren, xendrak ziren, errepide sarraskituak. Urmaelaren hegian, nola mintza ikasten ari ginen. Osagaia, aditza, subjektua. VIII. Kaolinita eskuetan. Zuhaitz handien maldan. Aitzina. Haize indartsuak biribilka. Hara. Hona. Hodeiak zeru mugan. Ez dakusagu ezer. Ondoan dugu ezezaguna. Euri uherra dator. Lohituak dira begitarteko buztinezko maskarak. Mateletako marra zurbilak ere. Den-dena dugu berriz ikasteko. Soa, mintzoa, ibilera. Hats hartzea. Goroldioz estali zoletan bermatzen ginen, oreka amets. Erori ginen. Zartatu ginen. Baina iratzartu ginen. Nehork ez zekien zer egin, eta bakoitzak berea zulatu behar zuen, sinesten zuenaren arabera. Jendarte termodinamikoari uko egitera behartuak izan gara eta orain, energia elektriko eta karboniferorik gabe, oihanaren erdian, mamuen eta piztien beldurrez gabiltza. Ziurtasunik ez dago. Zazpi metro karratutan segur geunden, azkar eta guztiaren jabe. Baina orain, alderantziz: euriak, haizeak, buztinaren presentziak, gugan, zalantza pizten dute. Ohartzen gara, analfabetoak garela egunerokoan, eta memoria zirtzikatuak ditugula. Zer egin? Nola egin? Norekin ekin? Buztinaren argi-loa berreskuratuko dukegu. Betazalak apalduko dira eta irudi zoharrak miretsiko ditugu, pixeletatik urrun, kolore naturalez. Etsiko gara, baina eskuetan lur mokor hezeak hartuko ditugunean, harreman mineralaren lizunak gure errai bakartuak ikara araziko ditu. Egin bedi zure nahia marmaratuko dugu, ahapez, eta sei aldeetako isiltasunak gatibatuko gaitu. Eguzkia agertuko da. Aire hotzak, gorputzak tinkatuko ditu. Aterako gara. Aterako gara. Eta aurkituko zaitut, gabetua, zafratua, arranguratua. Gure barne-ahultasunaren kontzientziak errotik aldatuko du munduaz dugun ikuskera. Metileneko urdinarekin sailkatuko ditugu balizko etorkizuneko materia eta ekai lehenak. Artiko aldeko zeru koloreak hedatuko dira Atalanten zirkuluetan. Negar eginen dugu, solas, kanta eta gutxiagorekin irauteko prestatuko gara, oinarrizko hitzak ahoskatu eta munduaren neurrian oinatza pausatuz. Etorkizuna buztinarekin moldatuko dugu, Buztinaren balore sendagarriak gogoan. Itxaro Borda 2019ko Loraldian sortua, Bilbon Zuzeneko emanaldietan Itxaro Mursegorekin eta Ibon RGrekin aritu da
http://www.booktegi.eus/ Elur-antzara Paul Gallico ––– Bigarren Mundu Gerran, Britainia Handia eta Frantzia Nazien Alemaniaren aurka borrokatu ziren. 1940ko ekainean, Alemaniako armadak hondartza batean inguratuta izan zituen britainiarrak eta frantziarrak; zehazki, ipar-ekialdeko Frantzian, Dunkirken. Gernikarako asmatutako bonbardaketa teknikak erabili zituzten, ahalik eta britainiar eta frantziar gehien hiltzeko. Britainiarrek ez zuten gerraontzi nahikorik soldaduak etxera eramateko eta, horregatik, 700 bat itsasontzi txiki joan ziren haien bila, Ingalaterratik. 300.000 gizon baino gehiago salbatu zituzten Dunkirketik. Gure istorioa Ingalaterrako hego-ekialdean hasten da, Dunkirketik 160 bat kilometrora. ––– Lokazti Handia Essex konderriko kostaldean dago, Chelmbury herrixkaren eta saxoiek1 sortu zuten Wickaeldroth ostra-arrantzaleen auzoaren artean. Ingalaterrako azken leku basatietako bat da. Lurralde baxua da, oso eremu zabala. Gatzaga handiek, lokatz lautadek eta itsasaldiek sortzen dituzten putzuetaraino heltzen dira hango belarrak, ihiak eta erdi murgildutako zelaiak. Handik gertu, itsaso geldiezina dago. Itsasaldiek sigi-saga egiten duten errekatxoak sortzen dituzte, eta urez beteta dauden zelaietan zabaltzen dira. Ematen du zelai horiek gora eta behera egiten dutela itsasaldiekin batera eta, aldi berean, lurrak arnasa hartzen duela. Iluna da lurraldea, erabat bakartua. Lokaztietan eta gatzagetan bizi diren hegaztien ahotsek eta oihuek areagotu egiten dute bakardade hori. Antzarak, kaioak, zertzetak, ahate txistulariak, bernagorriak eta kurlintak dira, eta putzuz putzu ibiltzen dira. Animaliak baino ez dira bizi, eta ez da inor ikusten, noiz edo noiz agertzen diren ehiztariak eta ostra-arrantzale batzuk izan ezik. Saxoiek han harrapatzen zituzten ostrak normandiarrak Hastingsera2 iritsi baino lehen. Hango koloreak grisak, urdinak eta berde apalak dira. Zerua ilun dagoenean, negu luzeetan, hondartzetan eta lokaztietan dauden urek zeruaren kolore hotza eta ospela islatzen dute. Baina, batzuetan, egunsentietan eta iluntzeetan, zerua zein lurra sutan egoten dira, su gorriak eta urre kolorekoak argituta. Aelder ibai txiki eta bihurriaren ondoan, itsas lubeta zahar bat dago. Sendoa eta leuna da; ez du arrakalarik. Lurrak inbaditzen dituen itsasoaren aurkako gotorlekua da. Ipar Itsasotik bost bat kilometrora dagoen gatzaga batean barrena doa; han biratu, eta iparralderantz jarraitzen du. Gune hartan, lubeta zuloz beteta dago, apurtuta eta birrinduta. Itsasoak, arraildura horietatik sartu, eta suntsitu egin du lubeta. Lurra, lubeta eta han zegoen guztia bere egin du itsasoak. Itsasbeheretan, itsasargi abandonatu baten harri belztu eta apurtuak ur-azalean agertzen dira, baita buiak bezala apurtzear dauden zuresien puntak ere, han-hemenka. Garai batean, itsasoaren ondoan zegoen itsasargia, eta Essexeko kostaldeko alarma-argietako bat izan zen. Lurra eta itsasoa mugitu egin ziren, denboraren poderioz, eta itsasargia orain ez da erabiltzen. Azkenaldian, bizileku bihurtu zen berriro. Gizon bakarti bat bizi zen. Gizon makurra zen, baina haren bihotzak izugarri maite zuen basatia eta ehizak harrapatutakoa zen oro. Itxuraz, itsusia zen, baina edertasun handia sortzen zuen. Gure istorioa gizon horri buruzkoa da, baita pixkanaka-pixkanaka hura ezagutu zuen neska bati buruzkoa ere. Neskak ez zuen gizonaren itxura groteskoa bakarrik ikusten, barruan zeukana ere ikusten zion. Istorioa ezin da modu errazean eta segidan kontatu; iturri askotatik eta pertsona askorengandik bildu da. Pasarte batzuk gertaera bortitzak eta bitxiak ikusi dituzten gizonek kontatzen dituzte. Itsasoak berea den guztia berreskuratu du, eta lekua tapaki zimurtua balitz bezala estaltzen du. Eta hasieratik amaieraraino dena ikusi zuen hegazti handi zuria, hegoen amaieran luma beltzak zituena, bere jatorrizko iparraldeko lur ilun, izoztu eta isiletara itzuli da. 1930eko udaberriaren amaieran, Philip Rhayader Aelder ibai-ahoan zegoen itsasargi abandonatura joan zen bizitzera. Itsasargia eta haren inguruko lokazti eta gatzagetako hektarea ugari erosi zituen. Han bizi zen, eta han egiten zuen lan, bakar-bakarrik urte osoan. Margolaria zen; hegaztiak eta izadia margotzen zituen, eta, zenbait arrazoi zirela medio, gizartetik urrundu zen. Hilean bitan, Chelmbury herrixkara joaten zen janari bila, eta orduan argi ikus zitekeen zerk eraman zuen bakardadean bizitzera. Hangoek gaizki begiratzen zioten gizonaren gorputz makurrari eta aurpegi ilunari. Konkorduna zen, eta ezkerreko besoa elbarri zeukan, mehea zuen eta eskumutur inguruan okertua, hegazti baten atzaparraren itxuran. Azkar ohitu ziren gizonaren gorpuzkera bitxira. Txikia, baina indartsua zen. Buru erraldoi, ilun eta bizarduna bizkarreko muinoa baino beheraxeago zuen. Begi distiratsuak eta atzapar itxurako eskuak zituen, eta “margolari bitxi hori, itsasargian bizi dena” esaten zioten. Sarritan, itxuragabetasunak pertsonenganako gorrotoa sortzen du gizakion barruan. Baina Rhayaderrek ez zuen gorrotatzen; izadi osoa, animaliak eta gizakiak maite zituen, asko maitatu ere. Bihotza errukiz eta ulermenez beteta zeukan. Elbarritasuna menderatu zuen, baina ezin izan zuen gainditu itxuragatik jasaten zuen arbuioa. Berak ematen zuen amultsutasuna bueltan ez jasotzeak behartzen zuen isolamendura; inork ez zion ordainetan halakorik eman. Emakumeak uxatu egiten zituen. Gizonei, ezagutu izan balute, pertsona atsegina irudituko zitzaiekeen. Baina bera ezagutzeko ahalegina egiten ari zirela pentsatze hutsak min ematen zion, eta ahalegin hori egiten zuen oro saihesten zuen. Lokazti Handira etorri zenean, hogeita zazpi urte zituen. Bidaia asko egindakoa zen ordurako, eta ausart borrokatu zen mundutik urruntzeko erabakia hartu baino lehen. Mundu horretan ezin zuen beste gizonek bezala parte hartu. Upel itxurako bularrean artista baten sentiberatasuna eta emakume baten maitekortasuna giltzapetuta eduki arren, benetako gizona zen. Txalupa bat, margolanak eta hegaztiak zeuzkan bere bakarlekuan. Txalupa bost metrokoa zen, eta trebetasun handiz gobernatzen zuen. Bakarrik, besteen begietatik urrun, ondo moldatzen zen esku okertuarekin. Sarritan, hagin sendoak ere erabiltzen zituen haizete indartsuetan belak zabaltzen zirenean. Itsasadarrak eta itsasaldiek egiten zituzten errekak atzean utzi, eta itsasora joaten zen, egunak eta egunak pasatzera. Hegazti espezie berrien bila joaten zen, haiei argazkiak ateratzeko edo haiek marrazteko. Hegaztiak sarean harrapatzen ere trebe bihurtu zen. Harrapatu ondoren, bere estudiotik gertu zegoen itxiturako bildumara gehitzen zituen. Erreserba baten hasiera bihurtu zen. Hegaztiei ez zien inoiz tiro egin, eta ehiztariei ez zien ongietorririk egiten. Basatia zen guztiaren laguna zen, eta, horren truke, haien adiskidetasuna jasotzen zuen. Urrian, Islandiatik eta Spitsbergenetik itxiturara hegan etortzen ziren antzarak izaten zituen, etxekotuta. Zerua iluntzen zuten multzotan iristen ziren, eta, inguruan, burrunba entzuten zen gainetik azkar pasatzen zirenean. Bular zuriko branta musuzuriak ziren: gorputza marroia, oin arrosak, lepo ilunak, aurpegi komikoak, aurrealde zuri nahasiak eta marra beltzez betetako bularrak zituzten. Espezie ugaritako ahate basatiak ziren: ahate txistulariak, basahateak, ahate buztanluzeak, zertzetak eta ahate mokozabalak. Rhayaderrek azken lumak lotzen zizkien batzuei, geldirik gera zitezen. Huraxe zen neguaren hasieran etortzen ziren hegazti basatiei janaria eta babesa han zeudela jakinarazteko seinalea eta ikurra. Ehunka eta ehunka etortzen ziren, eta berarekin gelditzen ziren eguraldia epeldu arte, urritik udaberriaren hasierara arte. Orduan, iparraldera migratzen zuten berriro, izotz-lerrotik hegoaldera zeuden ugaltze-eremuetara. Rhayader zoriontsu zen ekaitzetan, hotz handia egiten zuenetan, janari eskasia zegoenetan edo ehiztarien armek garrasi egiten zutenetan hegaztiak seguru zeudela jakinda. Pozten zuen, halaber, ezagutzen zutela eta berarekin fidatzen zirela ikusteak. Izaki basati eta eder haiek guztiek bere besoetan eta bihotzean hartzen zuten babes. Iparraldeko deiari erantzuten zioten udaberrian, baina udazkenean itzultzen ziren, eta, orduan, garrasi eta karranka egiten zuten udazkeneko zeruan. Itsasargi zaharraren gainean, biraka hegan egiten zuten, eta, gero, lurreratu egiten ziren, berriro gizonaren gonbidatuak izateko. Rhayaderrek aurreko urteetatik gogoratzen eta ezagutzen zituen hegaztiak. Eta horrek guztiak poztu egiten zuen, bazekielako, nolabait, haien barruan zeudela bera eta bere babeslekua. Hegaztiek ere bazekiten hori. Zerua iluntzen zenean eta ipar haizeak jotzen zuenean, bazekiten harengana itzuliko zirela. Gainerakoan, bihotza eta arima margolanetan isurtzen zituen, lurraldea eta lurraldeko izakiak margotzen zituenean. Gaur egun, haren margolan oso gutxi geratzen dira. Kontu handiz gordetzen zituen; itsasargian eta haren goiko biltegietan metatzen zituen. Ez zen konforme geratzen margolanekin; amore ematen ez zuen artista zen. Baina merkatura iritsi diren gutxiak maisu-lanak dira; lokaztietan islatzen diren kolorez eta distiraz beteta daude. Hegaldiaren sentsazioa adierazten dute, eta ihiak mugitzen dituen goizeko haizetan hegaka ikusten dira hegaztiak. Bakardadea eta gatzez betetako hotzaren usaina margotzen zituen, lokaztien betierekotasuna eta adingabetasuna, izaki bizidun basatiak, egunsentiko hegaldiak... Beldurrak margotzen zituen aireratzen eta baita hegodun itzalak ere, gauetan ilargiarengandik ihesi. Azaroko arratsalde batean, Rhayader Lokazti Handira etorri eta hiru urtera, neska bat itsasargira hurbildu zen itsas hesitik. Zama zekarren besoetan. Asko jota, hamabi urte izango zituen. Liraina eta lotsatia zen. Zikin eta txori bat bezain urduri zegoen. Baina, zikintasun haren azpian, ederra zen, lokazti-lamia bat bezain ederra eta misteriotsua. Saxoi petoa zen, gorputz sendokoa eta ilehoria; gorputza oraindik ez zuen buruarekin proportzioan; begiak sakonak eta urdin ilunak zituen. Ikusi nahi zuen gizon itsusiaren beldur zen neska. Hainbat istorio kontatzen zituzten hari buruz: hango ehiztariek gorrotatu egiten zuten, beren zaletasuna eragozten zuelako. Baina besoetan zeramanaren premia beldurra baino handiagoa zen. Neskak bazekien, zingiretan jakin bide zuen, itsasargian bizi zen munstroak magia egin zezakeela zaurituta zegoen oro sendatzeko. Ez zuen Rhayader lehenago inoiz ikusi. Ia ihes egin zuen estudioaren atean agertu zen gorpuzkera iluna ikustean. Gizona neskaren urratsak entzutean agertu zen; buru ilun eta bizarduna zuen, konkor beldurgarria eta atzapar itxurako esku okertua. Neska gizonari so geratu zen, lokazti-txori bat bezala, hegan ihes egiteko prest. Baina gizonak ahots sakon eta atseginez hitz egin zion: “Zer duzu, neskato?” Geldirik geratu zen neska, eta, gero, lotsati, hurbildu egin zen. Besoetan zeukana hegazti zuri handi bat zen, eta erabat geldirik zegoen. Hegaztiak odol orbanak zituen lumaje zurian, eta neskak, amantalean. Neskak gizonaren besoetan jarri zuen hegaztia. “Aurkitu in det, jauna. Zauritua dao. Bizirik al dao?” “Bai, uste dut baietz. Sartu, neskato, sartu”. Rhayader barrura sartu zen, hegaztia besoetan. Mahai baten gainean jarri zuen, eta hegaztia ahul-ahul mugitu zen. Neskaren jakin-mina beldurra baino handiagoa zen: gizonari jarraitu zion, eta ikatz suak epelduta zegoen gela batera sartu zen. Hormetan zeuden kolorezko margolan ugariek distira ematen zioten gelari, eta hango usaina ezohikoa baina atsegina zen. Hegaztiak hegalak harrotu zituen. Ondo zeukan eskuarekin, luma erraldoietako bat zabaldu zuen Rhayaderrek. Lumaren punta beltza ederra zen. Rhayader, hegaztiari begira liluratuta geratu zen: “Neskato, non aurkitu duzu?” “Lokaztian, jauna, ehiztariak eoten dian lekuan. Ze ... ze da, jauna?” “Elur-antzara da, eta Kanadatik etorri da. Baina nola arraio etorri da honaino?” Ematen zuen elur-antzara izenak ez zuela esanahirik neskarentzat. Neskaren begi sakon eta urdin ilunek distira egiten zuten aurpegi mehe eta zikinean. Arreta handiz zegoen hegaztiari so. Esan zion: “Sendatuko dezu, jauna?” “Bai, bai” erantzun zion Rhayaderrek. “Saiatuko gara. Etorri, lagundu egingo didazu”. Apal batean, baziren guraizeak, bendak eta oholtxoak. Gizona izugarri trebea zen; atzapar okertua erabiltzen zuen gauzei heltzeko. Gizonak esan zion: “A, tiro egin diote, gaixoa. Hanka apurtuta dauka, baita hegoen amaierako lumak ere, baina ez dago larri. Begira, azken lumak moztuko dizkiogu; horrela, benda jarri ahal izango diogu. Udaberrian, lumak haziko zaizkio berriro, eta hegaldatu ahal izango da. Gorputzari estu lotuko diogu, sendatu baino lehen ez mugitzeko, eta, gero, oholtxoa egingo diogu hankarako”. Beldurra ahaztuta, umeak liluratuta begiratzen zion gizonari, hegaztia sendatzen ari zen bitartean. Gizonak istorio zoragarri bat kontatu zion oholtxoa hanka apurtuari lotzen zion bitartean. Hegaztia gaztea zen, ez zuen urtebete baino gehiago. Iparraldeko lurralde batean jaio zen, oso urrutiko lurralde batean. Ingalaterrarena zen lurralde hura eta itsasoa zeharkatu behar izan zuen haiengana iristeko. Hegoalderaino egin zuen hegan, elurrari, izotzari eta hotz latzari ihes egiteko. Ekaitz erraldoi batek harrapatu zuen, zurrunbiloka mugiarazi, eta astindu egin zuen. Ekaitza benetan beldurgarria izan zen, hegaztiaren hegoak baino indartsuagoa, edozein gauza baino indartsuagoa. Egun eta gauetan zehar, ekaitzak ez zion atsedenik eman, eta hari aurre eginez hegan egitea baino ez zuen izan hegaztiak. Azkenean, ekaitzak indarra galdu zuenean, hegaztiaren sen fidagarriak hegoaldera eraman zuen berriro. Lurralde ezezagun batera iritsi zen, eta inoiz ikusi ez zituen hegazti arrotzez inguratuta aurkitu zuen bere burua. Azkenean, sufrimenduek ahituta, lokazti berde eta atsegin batean lurreratu zen atseden hartzeko. Han, ehiztari baten tiroak jo zuen. “Ongietorri garratza izan du bisita egin digun printzesak”, amaitu zuen Rhayaderrek. “Printzesa Galdua deituko diogu. Eta egun batzuk barru, askoz hobeto sentituko da. Ikusten?”. Patrikatik, zereal ale eskukada bat atera zuen. Elur-antzarak, begi borobil eta marroiak ireki, eta mokadu bat jan zuen. Umeak, poz-pozik, barre egin zuen eta, bat-batean, non zegoen konturatu, eta beldurtu egin zen. Hitzik esan gabe, buelta eman, eta atetik ihes egin zuen. “Itxaron, itxaron!”, oihu egin zion Rhayaderrek, eta atarira joan zen. Han, gelditu egin zen; atearen markoan, haren gorputz handi eta iluna ikusten zen. Neska dagoeneko joana zen itsas hesitik, baina, ahotsa entzun zuenean, geldirik geratu zen, eta atzera begiratu zuen. “Zein da zure izena, ume?” “Fritha”. “Zer?”, esan zion Rhayaderrek. “Fritha? Non bizi zara?” “Arrantzaleekin, Wickaeldrothen”. Auzoaren izena saxoien ahoskera zaharrean esan zuen. “Itzuliko al zara bihar, edo etzi, Printzesa nola dabilen ikustera?” Neska gelditu egin zen, eta, Rhayaderri hegazti basatiak etorri zitzaizkion berriro gogora, izuturik hegan atera aurreko istantean. Baina neskaren ahots ahula entzun zuen: “Bai!” Eta, orduan, joan egin zen, haizeak haren ile horia astintzen zuela. Elur-antzara azkar sendatu zen. Negu betean, jadanik, herrenka zebilen itxituran kide zituen antzara mokolaburrekin, ez horrenbeste branta musuzuriekin. Rhayaderrengana hurbiltzen ikasi zuen hark deitzen zionean. Eta umea, Fritha, sarritan joaten zen bisita egitera. Rhayaderrenganako beldurra menderatuta zeukan. Liluratuta zegoen urrutiko lurraldetik etorri zen printzesa zuri bitxiarekin. Lurralde hori arrosa kolorekoa zen3, Rhayaderrek erakutsitako mapan ikusi zuenez. Mapa horretan, hegazti galduaren ibilaldi ekaiztsua irudikatu zuten. Jaioterritik, Kanadatik, Essexeko Lokazti Handira etorri zen. Ekaineko goiz batean, antzara mokolaburren talde batek ugaltzeko lurren dei indartsuari erantzun zion. Negua itsasargian pasatu ondoren, lodi eta ondo elikatuta zegoen hegazti taldea. Motel aireratu ziren, eta gorantz egin zuten, gero eta handiagoak ziren borobiletan. Haiekin batera joan zen elur-antzara, gorputz zuriak eta azken luma beltzek udaberriko eguzkitan distira egiten zutela. Kasualitatez, Fritha itsasargian zegoen. Bere oihuak Rhayader azkar aterarazi zuen estudiotik. “Beitu! Beitu! Printzesa! Ba al dijoa?” Rhayaderrek zerura begiratu zuen, eta desagertzen ari ziren tantoak ikusi zituen. “Ba, bai”, esan zuen, eta, konturatu gabe, neskaren hizkeran mintzatu zen. “Printzesa etxea dijoa. Entzun! Agur esaten ai da”. Zeru garbitik, antzara mokolaburren garrasia entzun zuten, eta, hori baino ozenago, elur-antzararen nota garbiagoa. Tantoak iparralderantz joan ziren, “v” txiki-txiki bat osatuz; ondoren, “v” hori, txikitu, eta desagertu egin zen. Elur-antzara joan zenean, Frithak itsasargira bisitan joateari utzi zion. Rhayaderrek bakardadea nolakoa zen ikasi behar izan zuen beste behin ere. Uda horretan, gogoratzen zuena oinarri, margolan bat egin zuen. Ume lirain eta zikin bat agertzen zen margolanean; ile horia zuen, azaroko haizeak astinduta. Besoetan, zauritutako hegazti zuri bat zeukan. Urriaren erdialdean, miraria gertatu zen. Rhayader itxituran zegoen, hegaztiei jaten ematen. Ipar-ekialdeko haize grisak jotzen zuen, eta lurrak amore ematen zion igotzen ari zen itsasaldiari. Itsasoaren eta haizearen zaratez gain, nota garbi eta altu bat entzun zuen Rhayaderrek. Iluntzeko zerura jaso zituen begiak, eta tanto txiki-txiki bat ikusi zuen. Gero, ametseko izaki zuri-beltz batek buelta bat eman zuen itsasargiaren inguruan. Azkenean, itxituran lurreratu zen, eta, garrantzitsua izango balitz bezala, gizonari hurbildu zitzaion, handik inoiz alde egin izan ez balu bezala. Elur-antzara zen. Ez zegoen zalantzarik. Rhayader hunkitu egin zen. Non egon ote zen? Kanadan ez; hori ezinezkoa zen. Ziur aski, uda Groenlandian edo Spitsbergen pasatu zuen, antzara mokolaburrekin. Gogoratu egin zen, eta itzuli. Rhayader hurrena Chelmburyra janari bila joan zenean, mezu bat utzi zion postetxeko langileari; mezuak harrituta utziko zuen. “Esaiozu Frithari, Wickaeldrothen arrantzaleekin bizi denari, Printzesa Galdua itzuli egin dela”, esan zion. Hiru egun geroago, Fritha, lehen baino altuago, oraindik ere modu baldarrean jantzita, lotsati hurbildu zen itsasargira, elur-antzarari bisita egiteko. Denbora igaro zen. Lokazti Handian, itsasaldien altuerak, urtaroen iragaite motelak, hegaztien joan-etorriek eta, Rhayaderrentzat, elur-antzararen etorrerek eta irteerek markatzen zuten denbora. Handik kanpo, mundua bor-bor zegoen, zalapartaka eta burrunbaka: mundua eztanda egitear zegoen, baita dena suntsitzear ere. Baina horrek ez zuen, oraindik, Rhayader kezkatzen, ezta Fritha ere. Erritmo natural eta berezian bizi ziren, eta umea gero eta ausartagoa zen. Elur-antzara itsasargira etortzen zenetan, neska ere etorri egiten zen, bisita egiteko eta, Rhayaderrek lagunduta, hainbat gauza ikasteko. Elkarrekin joaten ziren txalupa azkarrean; Rhayader oso abila zen hura gobernatzen. Handituz zihoan hegaztien koloniarako hegaztiak harrapatzen zituzten. Gizonari esker, lokaztian hegan egiten zuten hegazti guztien ohiturak ikasi zituen umeak, kaiotik hasi eta ipar-belatzeraino. Batzuetan, Frithak janaria prestatzen zuen Rhayaderrentzat, eta pinturak nahasten ere ikasi zuen. Baina, elur-antzara udako lurretara itzultzen zenean, umearen eta gizonaren artean langa bat sortzen zela ematen zuen, eta Fritha ez zen itsasargira joaten. Urte batean, hegaztia ez zen itzuli, eta horrek lur jota utzi zuen Rhayader. Gauza guztiak amaitu zitzaizkiola ematen zuen. Etenik gabe margotu zuen neguan, baita hurrengo uda osoan ere, eta ez zuen umea behin ere ikusi. Baina, udazkenean, berriro entzun zuen oihu ezaguna zeruan. Hazi egin zen. Hegazti zuri erraldoiak lur hartu zuen. Etorrera irteera bezain misteriotsua izan zen. Pozez gainezka, Rhayaderrek itsasontzia hartu, Chelmburyra joan, eta postetxeko langileari mezua utzi zion. Bitxia izan arren, mezua utzi zuenetik, hilabete baino gehiago igaro zen Fritha itsasargian agertu arte. Rhayader, bere harridurarako, gauza batekin konturatu zen: neska jadanik ez zen umea. Hegaztia, handik joan eta itzuli ez zen urtetik, gero eta goizago bueltatzen zen. Hain zegoen etxekotuta, Rhayaderren atzetik ibiltzen baitzen; estudioan ere egoten zen hura lanean ari zen bitartean. 1940ko udaberrian, hegaztiek garaia baino lehen migratu zuten Lokazti Handitik. Mundua sutan zegoen. Bonbaketarien burrunbek eta marruek, leherketa danbadatsuek hegaztiak beldurtzen zituzten. Maiatzaren batean, Fritha eta Rhayader itsas hesian zeuden, elkarren ondoan. Azken antzara mokolabur eta branta musuzuri libreak itxituratik ateratzen ikusi zituzten. Neska garaia, liraina, airea bezain librea eta ederra zen. Gizona, aldiz, iluna, groteskoa, bizarduna eta buru handia. Zeruari so zegoen: haren begi ilun distiratsuak antzarek beren hegaldian sortzen zuten formari begira zeuden. “Beitu, Philip”, esan zion Frithak. Rhayaderrek haren begiradari jarraitu zion. Elur-antzara airean zen, hego erraldoiak zabalduta, baina baxu zebilen hegan, eta, behin, haiengandik oso gertu pasatu zen. Une hartan, azken luma punta-beltzek laztandu egingo zituztela ematen zuen, eta hegaztiaren igarotze azkarra sentitu zuten. Itsasargiaren inguruan, buelta bat, bi eman zituen. Gero, lurreratu egin zen berriro antzara lotuak zeuden itxituran, eta jaten hasi zen. “Ez dijoa!”, esan zuen Frithak, ahotsean lilura agertuz. Ematen zuen hegaztiak, gertu pasatu zenean, neska sorgindu egin zuela. “Printzesa geatu ingo da!” “Bai”, erantzun zion Rhayaderrek; bere ahotsean ere, hunkidura nabaria zen. “Geratu egingo da. Ez da inoiz joango hemendik. Printzesa Galdua orain ez dago galduta. Bere etxea hau da orain, berak erabaki duelako”. Antzarak eragin zion xarma hautsi egin zen, eta, bat-batean, Fritha konturatu zen beldur zela. Neska beldurtzen zuten gauzak Rhayaderren begietan ikus zitezkeen. Gizonak neskari begiratzen zionean, gizonaren nahiak eta bakardadeak, eta haien artean zeuden esan gabeko gauzek, beldurtzen zuten neska. Sakonak ziren gauza haiek, gero eta sakonagoak. Rhayaderren azken hitzak behin eta berriz entzuten zituen neskak bere barruan, gizonak berriro esan balizkio bezala: “Bere etxea hau da orain, berak erabaki duelako”. Neskaren sen azkarrak, gizonaren barnean zeuden gauzak sentitu, eta ulertu egin zituen: gizonak, deformatua eta groteskoa sentitzen zelako, esan ezin zizkion gauzak. Normalean, gizonaren ahotsak lasaitu egingo zukeen, baina, orain, haren isiltasunak eta esan ez zizkion gauzek beldurra handitu zioten. Emakume-senak oraindik ulertu ezin zuen zera horretatik ihes egiteko esan zion. Hauxe esan zion Frithak: “Jun, jun in behar det. Agur. Pozten naiz Printseza geatuko dalako. Orain ez zea hain bakarrik eongo.” Biratu eta azkar joan zen. Gizonaren “Agur, Fritha” mamu ahul bat bezala iritsi zitzaion belarrietara, lokaztiko belarren soinuak ia itota. Azken begirada emateko biratzera ausartu zenean, urrun zegoen. Rhayader itsas hesiaren gainean zegoen oraindik, tanto ilun bat zeruaren aurrean. Neska lasaitu egin zen. Beldurra beste zerbaitek ordezkatu zuen: galera sentsazio bitxia zuen. Hain zen sentsazio zorrotza, une batez geldiarazi egin baitzuen. Orduan, motelago, aurrera jarraitu zuen, eta zeruari begira zegoen itsasargitik eta haren azpian zegoen gizonarengandik urrundu zen. Hiru aste baino gehixeago pasa ondoren, Fritha itsasargira itzuli zen. Maiatza amaitzear zegoen, eta eguna ere bai. Ordurako, iluntze luze eta horia ekialdeko zeruan zegoen zilarrezko ilargiari bide ematen ari zitzaion. Itsasargirantz zihoala, Rhayaderrek esan bezala, elur-antzara benetan geratu egin ote zen jakin behar zuela esaten zion Frithak bere buruari. Beharbada, azkenean, joan egin zen. Baina, itsas hesian barrena zihoala, hegaztiaren berri jakiteko irrikan zegoen, eta, batzuetan, konturatu gabe, pausoa azkartzen zuen. Frithak Rhayaderren argiontziko argi horia ikusi zuen nasa txikian, eta han zegoen gizona ere. Txalupa itsasgorak kulunkatzen zuen, eta Rhayader hura betetzen ari zen: urez, janariz eta brandy botilez. Neskaren urratsak entzun zituenean, biratu egin zen, eta neskak zurbil zegoela ikusi zuen. Gizonaren begi ilunak, normalean, atseginak eta lasaiak ziren, baina, orain, zirraraz bete ziren. Egiten ari zen esfortzuarengatik arnasa sakon hartzen ari zela ere konturatu zen neska. Bat-batean, Fritha, asaldatu, eta elur-antzaraz ahaztu zen. “Philip! Bazuaz?” Rhayaderrek etena egin zuen agurtzeko. Neskak inoiz ikusi ez zuen zerbait igarri zion aurpegian, distira eta begirada berezia. “Fritha! Pozten naiz etorri zarelako. Bai, joan egin behar dut. Bidaia laburra izango da. Itzuliko naiz”. Ohikoa zuen ahots atsegina barruan eta isilean gordetzen zituen gauzek zakartu zuten. Frithak galdetu zion: “Noa jun behar dezu?” Orduan, hitzak jarioan atera zitzaizkion Rhayaderri. Dunkirkera joan behar zuen. 160 bat kilometroko bidaia izango zen, itsasoan zehar. Lurreko armada britainiar bat hondartzan harrapatuta zegoen, eta alemaniarrak iristear zeuden britainiarrak suntsitzeko. Portua sutan zegoen, eta egoera itxaropenik gabea zen. Rhayaderrek herrixkara janari bila joan zenean entzun zuen albistea. Gobernuaren deiari erantzunez, Chelmburyko gizonak itsasora ateratzen ari ziren. Mugi zitezkeen atoiontzi, arrantza-ontzi eta ontzi guztiak Ipar Itsasoa zeharkatzen ari ziren. Soldaduak hondartzatik salbatu behar zituzten. Hondartzaraino iritsi ezin ziren gerraontzi eta garraio-ontzietara eraman behar zituzten, alemanen tiroetatik ahalik eta gizon gehien salbatzeko. Frithak, entzun ahala, bihotza hiltzen ari zitzaiola sentitu zuen. Gizona txalupa txikian itsaso handira joango zela esaten ari zen. Bidaia bakoitzean, sei gizon eraman zitzakeen, beharbada zazpi. Bidaia asko egin zitzakeen hondartzaren eta ontzi handien artean. Neska gaztea zen, landugabea, hitz gutxikoa. Ez zuen gerra ulertzen, ezta Frantzian gertatzen ari zena ere, ezta armada harrapatuarena ere, baina senak esan zion arriskua bazegoela. “Philip! Jun in behar dezu? Ez zea itzuliko. Zeatik jun behar dezu zuk?” Ematen zuen Rhayaderren asaldura lasaitu egin zela lehenengo hitz erreka bota ondoren, eta dena azaldu zion ulertzeko moduan. Esan zion: “Ehiztariek harrapatutako hegaztiak bezala daude gizonak hondartzan uzkurtuta, Fritha, aurkitu eta babeslekura ekartzen genituen hegazti zaurituak bezala. Haien gainean, burdinazko belatz handiak, zapelatzak eta ipar-belatzak dabiltza, eta ez daukate burdinazko harrapakin haietatik babesterik. Galduta, ekaitzak uxatuta eta jazarrita daude, duela urte asko elur-antzara zegoen bezala; orduan, lokaztietatik ekarri zenidan, eta sendatu egin genuen. Laguntza behar dute, maitea, gure hegaztiek laguntza behar izan duten bezala, eta, horregatik, joan egin behar dut. Egin dezakedan gauza bat da. Bai, egin dezaket. Behingoz, behingoz gizona izan naiteke, eta parte har dezaket”. Fritha Rhayaderri begira zegoen. Asko aldatu zen gizona. Lehenengo aldiz ikusi zuen ez zela itsusia edo deformea, oso ederra baizik. Gauzak antzaldatzen ari ziren Fritharen barnean, esan egin behar zituen, baina ez zekien nola esan. “Zurekin jungo naiz, Philip”. Rhayaderrek ezetz esan zion buruarekin. “Ontzian egongo bazina, soldadu bat atzean utziko genuke, eta beste bat, eta beste bat. Bakarrik joan behar dut”. Gomazko berokia eta botak jantzi zituen, eta ontzian sartu zen. Eskuaz agurtu, eta zera esan zion: “Agur! Hegaztiak zainduko dituzu itzultzen naizen arte, ezta, Fritha?” Frithak ere eskua erdi altxatu zuen. “Jainkoak lagun diezazula”, esan zion, antzinako moduan. “Hegaztiak zainduko ditut. Jainkoak lagun diezazula, Philip”. Eguna ilundu egin zen. Ilargiaren zati baten, izarren eta iparraldeko distiraren argia zegoen. Fritha itsas hesiaren gainean geratu zen, eta txaluparen bela itsasadar zabaletik desagertzen ikusi zuen. Bat-batean, hegoen soinu azkarra hurbildu zen bere atzean zegoen iluntasunetik. Zerbait bere ondotik pasatu zela sumatu zuen. Gaueko argian, elur-antzararen hego zuri eta mutur beltzen distira ikusi zuen, baita aurrerantz makurtuta zeukan burua ere. Hegaztia gorantz igo zen eta itsasargiaren gainetik hegan egin zuen. Orduan, erreka bihurriaren gainetik jarraitu zuen, Rhayaderren belarantz. Haizeak geroz eta indartsuago jotzen zuen, eta bela makurtzen ari zen. Hegaztia gizonaren gainean ibili zen bueltaka, itzuli zabal eta motelak eginez. Bela zuria eta hegazti zuria denbora luzez ikusi ahal izan ziren. “Zaindu zazu. Zaindu zazu”, xuxurlatu zion Frithak elur-antzarari. Azkenean, bietako bat ere ikusi ezin izan zuenean, biratu, eta motel eta burumakur itzuli zen Fritha itsasargi hutsera. Une honetan gure istorioa zatitu egiten da. Zati bat baimenarekin zeuden soldadu batzuek kontatu zuten Londreseko ekialdeko “Koroa eta Gezia” tabernan4. “Antzara zen, antzara alu bat, egiatan”, esan zuen Potton soldaduak, Maiestatearen Londreseko Musketari Erregimentukoak. “Alafede!”, esan zuen hankak gaizki zeuzkan artilleriako soldadu batek. “Antzara bat zen, bai. Jock ere, gizon hau, han zegoen. Dunkirkeko kez beteriko zeru zikin eta kirasdunetik jausi zen. Xuria zen, beltza zuen hegaletan, eta, bonbaketari bat bazala, bueltaka zebilen zeruan. Jockek erran zuen: ‘Gureak egin dik. Heriotzaren aingerua iritsi duk.’ ‘Arraio!’, erran nuen, ‘Antzara madarikatu bat duk, Churchillen5 mezu bat ekartzera etorri duk honat, ea hondartzan ongi pasatzen ari garen, hi. Seinale bat duk, hori duk, seinale madarikatu bat. Hemendik aterako gaituk, mutil.’ Dunkirken eta Lapannyren artean zegoen hondartza batean deskantsatzen ari ginen, uso madarikatu batzuk bazala, Victoria Lubetaren6 gainean bezala, alemaniarren tiroak hartzeko prest. Eta ederki jo gintuzten, gainera. Gure gibelean, ondoan eta gainean ziren alemaniarrak. Metraila eta lehergailurekin jo gintuzten, eta airetik tiro egiten ziguten hegazkinetatik. Eta kostaldetik hurbil Kentish Maid itsasontzia zegoen, txangoak egiteko ontzi bat. Margate portutik hartzen nuen, udatan, aunitzetan; hogeita hamar penike balio zuen bidaia bakoitzak. Hor zegoen, gure zain, hondartzatik kilometro eta erdira. Hor ginen, hondartzan etzanda, madarikazioak erraten itsasontzira joateko modurik ez zegoelako. Stuka7 batek atakatu zuen itsasontzia, lehergailuak haren ondoan bota zituen, urak gora egin zuen, jauregiko iturriak bezala: ikuskizun ikaragarria izan zen. Orduan, gerra ontzi bat hurbildu zen eta ‘Ez, horrela ez duk eginen’ erran zion Stukari, baina alemaniarren bertze hegazkin batek eraso zuen ontzia, eta jo egin zuen. Eta erre egin zen, nola erre ere! Hondoratu baino lehen erre zen. Kea eta usaina kostalderaino ailegatu ziren; dena horia eta beltza zen, eta hortik etorri zitzaigun antzara madarikatua. Hondartzan harrapatuta ginen eta antzara bueltaka zebilen, gure gainean. Eta orduan, bat-batean, belaontzi ttiki bat agertu zen, lasai-lasai, aberats bat bezala Henleyn8 igande arratsaldean”. “Nor zen?” galdetu zion tabernan zegoen zibil batek. “Bera! Guztiok salbatu gintuena! Metraila-ekaitzaren erdian egin zuen bidea, alemaniarren hegazkin baten azpian. Hegazkin hark hondoratu zuen hogeita hamar minutu lehenago Ramsgate portuko ontzia, gu salbatzen ahalegindu zena. Ura aparrez beteta zegoen, lehergailuek eta balek hautsia, baina hari berdin zion. Haren itsasontzian ez zegoen erretzeko edo lehertzeko petroliorik, eta balen artean mugitzen zen. Sakonera ttikiko uretara etorri zen, sutan zegoen, gerra ontziaren keaz inguraturik. Gizon ttikia zen, iluna eta bizarduna; eskutzat, atzapar madarikatu bat zuen, eta, sorbaldan, konkorra. Soka bat zuen ahoan, xuria eta distiratsua zen; bizar beltzaren artean ikusten zitzaion. Esku ona lemaren gainean zuen; okerrarekin, etortzeko keinuak egiten zituen. Eta haren gainean, bueltaka eta bueltaka, antzara madarikatua zebilen. Jockek, gizon honek, erran zuen: ‘Alafede, orain bai, dena amaitu duk. Deabrua gure eske etorri duk. Jo egin ditek eta hura ez duk ohartu.’ ‘Bai zera!’ erran nion, ‘Jainkoaren antza handigoa dik deabruarena baino’. Eta egia zen, ttikitan igandetan leitzen genituen liburuetako irudietan Jaunak hartzen zuen itxura zuen: aurpegi xuria, begi ilunak eta bizar beltza, bere ontzi eta guzti. ‘Zazpi eraman ahal ditut bidaia bakoitzean’ oihu egin zigun hurbildu zenean. Gure ofizialak oihu egin zion. ‘Hagitz ongi, mutil! Zuek, hurbilen zareten zazpiak, sartu.’ Uretan ibili ginen bereganaino. Hagitz nekatua nintzenez, ezin nintzen ontziaren bazterretik igo, baina berak tunikaren lepotik heldu, tira egin eta ‘Barrenera!’ erran zidan. ‘Goazen! Hurrengoa!’ Eta sartu egin nintzen. Hagitz indartsua zen gizon hura! Orduan, bela paratu zuen; metrailak erabat zulatua zegoen, eta oihu egin zigun: ‘Txaluparen beheko aldean egon, mutilak, beharbada zuen lagun batzuekin topo egingo dugu eta’. Joan egin ginen, ni haren ondoan nintzen, popan. Soka bat hortzen artean zuen, bertze bat atzapar okerrean, eskuineko eskua lemaren gainean. Kostaldeko gibelean zeuden artilleriako kanoien balek busti gintuzten eta gizonak apar artean gidatu zuen txalupa. Eta hor zegoen antzara famatua, jira eta bira, oihuka haizearen ahotsaren eta alemaniarren arrabotsaren gainean, Morris9 bat Winchestereko10 ingurabidean bezala. Antzara seinalea zela erran nion Jock-i. ‘Begiratu, errukiaren aingeru madarikatu bat duk.’ Gizonak, soka hortzen artean lema gidatuz, irribarre egin zion antzarari, betidanik ezagutuko balu bezala. Kentish Maid ontziraino eraman gintuen, buelta eman, eta bertze karga baten eske joan zen. Hainbat bidaia egin zituen arratsaldean eta arratsean: Dunkirke sutan zegoen, eta, horregatik, bazuen nahikoa argi. Ez dakit zenbat bidaia egin zituen, baina berak eta Thames Yacht Cluben ontzi batek eta Poole herriko salbamendu-txalupa batek guztiok salbatu gintuzten infernuko zulo hartatik, gizon bat bera ere galdu gabe. Azken gizona ailegatu zenean, abiatu egin ginen. Itsasontzia berrehun lagunentzakoa zen eta zazpiehun ginen. Atera ginenean, han zegoen gizona, kasu egin zigun eta Dunkirke aldera joan zen, hegaztia alboan zuela. Arraioa, bitxia izan zen antzara handi famatu hura hegaka ikustea, txalupari buelta eta buelta, suz argituriko aingeru xuri bat bezala, kearen aurrean. Bertze Stuka batek atakatu gintuen bidaiaren erdian, baina pilotua gaupasa egina izango zen, eta ez gintuen jo. Goizerako, Ingalaterran ginen, salbu. Ez genuen inoiz jakin zer gertatu zitzaion gizonari, ezta nor zen ere. Bazituen konkorra eta txalupa, hori bai. Hagitz gizon ona zen lagun hura.” “Jainko maitea”, esan zuen artillariak. “Antzara handi bat, batek daki!” Brook Kaleko ofizialen klub batean11, armadako ofizial erretiratu bat, hirurogeita bost urtekoa, Dunkirkeko ebakuazioko esperientzia kontatzen ari zen. Keith Brill-Oudener komandantea zen. Goizeko lauretan esnatu zuten, eta, Limehouse auzoko atoiontzi okertu batean, Doverreko itsasartea zeharkatu zuen. Tamesis ibaiko gabarra lerro bat haraino tiratu zuen atoiontziak eta, soldaduz beteriko gabarra, lau aldiz itzuli zen Ingalaterrara. Azken bidaian, tximinia bala batek zulatuta iritsi zen, eta, ontziaren ertzean ere bazegoen zulo bat. Baina komandanteak Doverreraino eraman zuen atoiontzia. Ebakuazioaren azken lau egunetan alemaniarrek lehertutako Brixham eta Yarmouth herrietako hiru itsasontzi txikitatik atera behar izan zuen Armadako Erreserbako ofizial batek, galdegin zion: “Entzun al duzu noizbait antzara basati bati buruzko zurrumurru bitxiren bat? Hondartza guztietan kontatzen zen. Ekarri nituen gizon batzuek hari buruz hitz egin zuten. Antza denez, azken egunetan, Dunkirken eta La Pannen artean agertzen zen batzuetan. Hura ikusten zuena onik ateratzen zen azkenean. Halako zerbait zen”. “Bada...” esan zion Brill-Oudenerrek, “antzara basatia. Nik etxekotuta ikusi nuen bat. Oso esperientzia bitxia izan zen. Tragikoa ere bai, nolabait. Eta guretzat, zorionekoa. Kontatu egingo dizut. Hirugarren aldiz itzultzen ari ginenean gertatu zen. Seiak inguruan, txalupa abandonatu bat ikusi genuen. Barruan kapa bat edo gorpu bat zeuzkala ematen zuen. Eta hegazti bat zegoen karelean pausatuta. Norabidea aldatu genuen eta, hurbilago geundenean, ondo begiratu genuen. Ene jainkoa! Gizon bat zen. Edo gizona izandakoa, gizagaixoa. Metrailak hil zuen. Itsusia izan zen hori ikustea. Aurpegia uretan zeukan. Hegaztia antzara bat zen, etxekotua. Lasai-lasai hurbildu ginen, baina, gutako batek txalupara eskua luzatu zuenean, hegaztiak txistu egin zion, eta hegoekin jo zuen. Ezin genuen uxatu. Bat-batean, Kettering gazteak -nirekin zegoen–, hots egin, eta istriborra seinalatu zuen. Mina handi bat zegoen, ur gainean. Alemaniarren opari bat. Norabideari eutsi izan bagenio, berarekin talka egingo genukeen erdiz erdi. Abiatu egin ginen; mina azken gabarratik ehun eta hirurogei metrora utzi genuen, eta soldaduek errifleak erabili zituzten lehertzeko. Berriro txalupara begiratu genuenerako, joana zen. Hondoratua. Minatik atera ziren olatuek hondoratu zuten. Baita gizona ere. Ziur aski, txalupari lotuta egongo zen. Hegaztia, aireratu, eta inguruka ibili zen. Hiru aldiz inguratu zuen lekua, hegazkin baten agurra balitz bezala. Oso sentsazio bitxia izan zen. Orduan, mendebalderantz abiatu zen. Oso zorte ona izan genuen txaluparaino joateagatik, ezta? Hori kasualitatea, zuk antzara bat aipatzea". Fritha bakarrik geratu zen Lokazti Handiko itsasargian. Lotuta zeuden hegaztiak zaintzen zituen. Ez zekien zeren zain zegoen. Lehenengo egunetan, itsas hesira joaten zen, eta itsasoari so egoten zen, baina bazekien alferrik zela. Geroago, itsasargiko biltegian ibiltzen zen. Han, Rhayaderren margolanak zeuden metatuta. Hango paisaia ilunaren une eta argi guztiak irudikaturik zituen margolanetan, baita han bizi ziren hegazti eder eta liluragarriak ere. Haien artean, Rhayaderrek aspaldian buruz egin zion erretratua aurkitu zuen. Garai hartan, umea zen oraindik, lotsatia, eta haizeak ilea astintzen ziola azaldu zen Rhayaderren atarian, hegazti zauritua besoetan zuela. Margolan hark eta han ikusi zituen gauzek hunkitu egin zuten, inoiz ezerk hunkitu ez zuen bezala. Rhayaderrek arima jarri zuen margolanean. Bitxia zen, baina hura izan zen elur-antzara margotu zuen azken aldia. Ekaitzek beste lurralde batetik ekarri zuten hegaztia, eta hegaztiak lagun bana ekarri zien gizon bakartiari eta neska gazteari. Azkeneko aldiz itzuli zenean, Frithari abixu emateko izan zen: ez zuen gizona inoiz berriro ikusiko. Elur-antzara ekialdeko zeru gorriminetik jaitsi baino askoz lehenago, itsasargia inguratu baino askoz lehenago, Frithak bazekien. Senak esan zion Rhayader ez zela itzuliko. Iluntze batean, ondo gogoratzen zuen nota altua entzun zuen Frithak zeruan. Hegaztiaren ahotsak ez zion itxaropen faltsurik eman. Une hura askotan bizi izan zuela ematen zuen. Korrika joan zen itsas hesira, eta begiak altxatu zituen. Ez zuen itsasora begiratu, bai baitzekien ez zuela belarik ikusiko urrunean: zerura begiratu zuen, eta, handik, sutan zegoen zeruko arkutik, elur-antzara jaitsi zen. Orduan, neskak ikusten eta entzuten zuenak eta inguruan zuen bakardadeak barruan zeukan presa apurtu zuten: maitasunaren uholde ukaezina negarretan askatu zuen. Izpiritu basati batek beste bati egin zion dei. Neska hegazti handiarekin hegan zebilela zirudien, iluntzeko zerura igo, eta Rhayaderren mezua entzuten ari zela. Zeruak eta lurrak dar-dar egin zuten, eta neskak jasan zezakeena baino gehiago izan zen. “Fritha! Fritha! Fritha, maitia! Agur, maitia!” Elur-antzararen azken luma beltzek, mezua neskaren bihotzeraino eraman zuten, eta bihotzak erantzun egin zuen: “Philip, maite zaitut”. Une batez, Frithak uste izan zuen elur-antzara lurreratu egingo zela itxitura zaharrean. Antzara lotuek farfuilatu egin zuten, ongietorria emateko. Baina, gertu pasatu ondoren, aireratu egin zen berriro. Kiribil basati eta eder bat egin zuen itsasargi zaharraren inguruan, eta gora egin zuen hegan. Hegaztiari so, Frithak ez zuen elur-antzara ikusi, Rhayaderren arima baizik. Neskari agur esan zion, betiko desagertu baino lehen. Orain, neska ez zebilen hegan, lurrean baizik. Besoak zeruraino luzatu zituen, eta oin-puntetan jarri zen, zerua ukitu nahi izan balu bezala. Oihu egin zuen: “Jainkoak lagun diezazula! Jainkoak lagun diezazula, Philip!” Fritharen negarrak amaitu egin ziren. Denbora luzez egon zen isilik elur-antzara joan ondoren. Orduan, itsasargira sartu zen, eta Rhayaderrek egin zion margolana hartu zuen. Besoetan besarkatuta, etxerantz joan zen itsas hesi zaharrean barrena. Iluntzetan, handik aste askotara, Fritha itsasargira joaten zen, eta lotuta zeuden hegaztiei jaten ematen zien. Goiz batean, oso goiz, egunsentiko erasoaldian parte hartzen ari zen pilotu alemaniar batek helburu militartzat hartu zuen itsasargi abandonatua. Haraino jaitsi eta, garrasika ari den burdinazko belatza balitz bezala, lehergailuak jaurti eta den-dena infernura bidali zuen. Iluntze hartan, itsasargira joan zenean, itsasoak apurtutako hesia zeharkatu eta guztia urez estali zuela ikusi zuen Frithak. Erabateko hondamena zen. Hegaztiak ez ziren itzultzera ausartu. Kaio izukaitzak baino ez zebiltzan hegan. Haien ahots kezkagarriak zabaldu ziren lehen dena egon zen lekuan. http://www.booktegi.eus/ Oharrak [←1] V. mendean, Saxoiek Britainia inbaditu eta Ingalaterra sortu zuten. [←2] 1066an, normandiarrek Hastingseko bataila irabazi zuten, Ingalaterrako hegoaldean, eta, garaipen horrekin, herrialdea konkistatu zuten. [←3] Garai hartan, Britainiaren Inperioko lurraldeak arrosaz margotzen ziren Ingalaterran inprimatzen ziren mapetan. [←4] Oso auzo umil batean daude, langileena. [←5] Churchill Erresuma Batuko lehen ministroa zen Bigarren Mundu Gerran. Herria animatzeko bere diskurtsoak ospetsuak ziren. [←6] Londonen dagoen Tamesis ibaiertzean dagoen leku ospetsua. [←7] Alemaniako gerra hegazkin ospetsu bat. [←8] Henley, Ingalaterrako oso herri aberats bat, arraun lasterketei esker ospetsua da. [←9] Garaiko auto marka bat. [←10] Winchester Ingalaterrako hegoaldeko hiri txikia eta lasaia da. [←11] Ingalaterrako elkarte aristokratiko asko Londonen Brook Kalean daude.
SARRERA Ipuin bilduma honetan hainbat eta hainbat gai jorratzen dituen ipuinak dauzkazue. Pertsonaiak ezagunak egingo zaizkizu agian, edo ez… Mari, Tartalo, Herio, Lami, Eki eta Ilargi, eta Akerbeltzen bidez murgilduko zara heriotzean, haserrean, sendatu gabeko minetan…. Ipuin sistemikoak igorlearen barne atsedena bilatzen laguntzea du helburu. Bestalde, kontatzailearen bihotza ukitzen badu, entzulearen bihotzera iristeko aukera zabalduko da. Zure eskura uzten ditut, maitasunez tratatu ditzazun, horrela sortuak izan dira eta. Goza itzazu. MARI Gaur egun, Mari, emakume indartsu gisa ezagutzen dugu, beste jeinuen buruzagia. Naturaren indarra irudikatzen du, eta, bere botere ahaltsuarekin, naturako indarren arteko oreka, baina ez da beti horrelakoa izan… Horra iristeko hainbat eta hainbat momentu pasa izan ditu. Batzuk diotenez, oraindik izaten ditu nekeak. Haurra zenean, neska alai eta jatorra zen, irribar errezekoa, arduratsua. Erraz moldatzen zen egunerokotasunean. Etxean zein kalean bere lekua zein zen argi zuen eta horrela adierazten zuen. Bederatzi urte zituenean, halere, bazuen bereziki ahul sentiarazten zuen beldur bat; gaua iristen zenean, lo egin ezinik ibiltzen zen. Tripak nahasten zitzaizkion, nerbioak jota egoten zen. Askotan, afaltzeko jandakoa botatzera iristen zen. – Zer gertatzen zaizu?- galdetzen zioten amak eta aitak. – Ez dakit zer pasatzen zaidan. Ez dut bakarrik lo egin nahi, zuekin egin nahi dut- erantzuten zuen. Gurasoek lasai egoteko esaten zioten, arnasa lasai- lasai hartuz pixkanaka lo hartuko zuela, ardiak kontatzeko, ahizpari eskua emateko…Bururatzen zitzaien guztia esaten zioten bera lasaitze aldera, baina ezerk ez zion balio gure Mariri. Egoera berrien aurrean ere urduri jartzen zen. Adibidez, sorginen bileretan. Gaua koba-zulo batean pasatzen zuten; batzuetan, Murumendin, beste batzuetan Anboton…. ; non/nola/zeinen ondoan lo egingo zuen jakin ezean egonezina sortzen zion. Horrelakoetan ere, tripak nahasten zitzaizkion. – Baina, Mari, askotan joan gara irteeretara- esaten zion Amalurrak (sorginen buruzagia)- eta beti ondo moldatu zara. Bilerak oso garrantzitsuak dira. Zu haurra zara oraindik, baina zu bezalaxe, beste haurrak egotea garrantzitsua da. Gainera, badakizu, beldurra sartzen bazaizu, niregana etor zaitezkeela. Horrek, halere, ez zuen lasaitzen. Amalurra jatorra eta atsegina zen, eta bazekien berarekin hitz egin zezakeela, baina horrek ez zion baretzen egonezina; nahiago zuen horrelako egoerak ekidin eta listo. Presioa ere sentitzen zuen helduek berarengan itxaropen gehiegi jartzen zutela iruditzen zitzaionean. Bera ez zen gai beldurra zerk ematen zion adierazteko, baina argi zuen horrela sentitzen zela. Behin, gauean, ohean lo hartu ezinik zegoela, beldurra zerk ematen zion pentsatu, eta zerrenda egin zuen: bakarrik gelditzea, lapurrak koba-zuloan sartzea, familiako norbait hiltzea, gaixotzea, trumoien hotsak entzutea… Zerrenda hori idatziz jarri zuen eta paretan itsatsi zuen bistan edukitzeko, eta zenbateraino ziren gerta zitezkeen gertaerak aztertzeko. Beldurrari aurre egin nahi zion. Gurasoak, bitartean, egoerak sortzen zien frustrazioa alabari ez transmititzen saiatzen ziren, baina ez zuten asmatzen. Beste batean, gaua zela, ohiko moduan ohean bueltaka zebilen bitartean, aitak eta amak bere jatorria zein zen azaldu zioteneko momentua etorri zitzaion burura: “Bera, bere ahizparekin batera, artifizialki sortua izan zen: gurasoek ezin zuten era naturalean haurrik izan, eta horregatik joan ziren Amalurrengana laguntza eske. Amalurrek asko zekien, naturarekin bat eginda bizi zen. Harek, edabe majiko bat prestatu zien denboraldi batez har zezaten. Gero, amari obulu batzuk atera zizkion eta aitari hazia. Ilargi betea zen gau batean, elkartu zituen: 7 enbrioi izan ziren denera. 2 egun pasa eta gero, Amalurrek bereziki aukeratutako zuhaitz baten magalean elkartu ziren. 7 enbrioietatik 2 aukeratuko zituzten Mariren amaren sabelean sartzeko. Izan ere, ezin zituen denak sartu, gehiegi ziren, eta amaren eta enbrioi horien bizia arriskuan jarriko lukete denak sartu ezkero. Haiei begira zeudela, baziren 2 kolore berezia zutenak. Kolore berezia zutela jabetuta, hiruren artean, gauaren isiltasuna hautsiz, kantatu egin zieten: “Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, burruka hortan iraungo duten zuhaitz-aldaska gazteak. Beren aukeren jabe eraikiz ta erortzean berriro jaikiz ibiltzen joanen direnak.” Izarren hautsa ( Xabier Lete) Kantatu eta segituan hasi ziren 2 enbrioi horiek mugitzen; kolore ezberdina izateaz gain, mugitu egiten ziren. Haiek ere ama horren sabelean sartu nahiko balute bezala. Erabakia hartua zegoen: horiek biak izango ziren familia hori osatuko zuten harrak. Gelditu ziren beste seiak, arazo bera zuten beste bikote batzuri ematea erabaki zuten. Horrela, beste leku batean bizitzeko aukera izango zuten. Hori kontatu zioteneko momentua zebilkion buruan behin eta berriz; haiez gain, beste enbrioi batzuk bidean gelditu ziren… Non zeuden? Zergatik aukeratu zituzten bera eta bere ahizpa eta ez besteak? Non egongo litzateke bera besteak izan balira aukeratuak? Eta naturalki ez sortzeak ere lotsa ematen zion… Zer esan nahi zuen naturalki sortzeak? Eta horren kontrakoak? Galdera horiek buruan zituela, oso gutxi lo egin zuen gau hartan. Hurrengo egunean, neka- neka eginik pasa zuen eguna. Ezin zuen burutik gaia kendu. Handik egun batzuetara, aitak eta amak, afaldu eta gero berarekin hitz egin nahi zutela esan zioten. “ Ardiak kontatzeko esango didate? Ala beldurrari aurre egiteko? Ai amaa…”- pentsatu zuen. – Mari, zurekin hitz egin nahi dugu. - esan zion aitak. – Bai, badakigu zerbaitek kezkatzen zaituela. Ba al dago galdetu nahi diguzun zerbait? – Ez……., bueno, bai.- erantzun zuen Marik, urduri. – Esan, ba - esan zioten aitak eta amak. – Ba, lotsa pixka bat ematen dit honetaz hitz egitea, baina gogoratzen zarete ahizpa eta biok nola sortu ginen kontatu zenigutela? Galdera batzuk ditut horri buruz... Nola aukeratu gintuzuen enbrioiak ginenean? Zergatik gu? Non daude besteak? Zer pasako litzateke gurekin, gu izan ez bagina aukeratuak? Gurasoak, Mari galdera horiek egiten ausartu zela ikustean, poztu egin ziren: – Bai, aukeratuak izan zineten, baina ez enbrioiei begira egon ginelako bakarrik - aitak- Amalurrek asko lagundu zigun: gu, naturalki, haurrak izateko gai ez ginenez, laguntza eskatu genion, gure haziak batu eta enbrioiak sortzeko. Hortik aurrera, zuek, zure ahizpa eta zu, amaren sabelean sartu eta 8 hilabete pasa zenituzten bertan, jaio zineten arte. – Amalurri esker zaudete hemen, baina ez horri esker bakarrik, guk asko maite zaituztegulako ere bai. Amalurrek, gure ametsa egia bilakatzen lagundu zigun. – Horretaz gain, zuk eta zure ahizpak gure etxean jaio nahi zenutela sentitu genuen gau majiko hartan. Zuk, Mari, asko duzu eskaintzeko eta munduari erakusteko, indarra duzu, maitasuna, zintzoa zara, mundua hobetu nahi duzu, eta zein leku hobea jaiotzeko, familia hau baino? Azkarra zara, eta zuk ere aukeratu gintuzun. – Zu gabe, zure irribarrerik gabe, gure bizitzan oso garrantzitsua den zati bat faltako litzaiguke. Guk zainduko zaitugu, babestuko zaitugu eta maiteko zaitugu zaren bezalakoa zarelako. Zuk egingo duzun ibilbidean, bide-lagun izango gaituzu; beldurra daukazunean, besarkatuko zaitugu eta indartsu sentitzen zarenean, zurekin elikatuko gara. Hurrengo egunean, denen artean, enbrioi horiei izenak jarri zizkieten: EKI, HODEI, LAMIA, SUGAAR, ORTZI. Harritxo batzuk jarri zituzten etxeko apal batean. Horiek ikustean, bere familiaren parte zirela sentitzen zuen. Handik aurrera, bizitzari eusteko indarra sentitu zuen. BIZIRIK ZEGOEN! INDARBERRITUTA! TARTALO Hodei, haurra zenean, familian bizi zen. 2 anai arreba ziren etxean; bera gazteena zen. Arrebak Amalur izena zuen. Amalur, langilea, azkarra zen, esanekoa. Amari barantzean laguntzea zuen gogoko. Hodeiek, berriz, lan egitea ez zuen oso gustuko; aitak esaten zuenez, beti zegoen bere munduan. Ez zen erraza izaten zertan pentsatzen ari zen asmatzea. Herri txiki bateko baserrian bizi ziren; Zubimordo herrian, hain zuzen ere. Aitak Sugaar izena zuen eta amak, aldiz, Ekiñe. Biak ziren langile finak, lanari muzin egiten ez zioten horietakoak. Haiekin, amona Josefa bizi zen. Normalean ez zuen gehiegi hitz egiten. Hodeiek hil zen aitonaren falta sentitzen zuen susmoa zuen. Baserrian ez zuten soberan dirurik, baina jatekorik ere ez zen normalean falta. Aste barruan, aita eta ama baserrian lanean gelditzen ziren bitartean, Amalur eta Hodei eskolara joaten ziren. Amalur primeran moldatzen zen eskolako lanetan eta denak zituen lagun bertan. Hodeiri, ordea, ez zitzaizkion gehiegi interesatzen irakasleak ematen zituen azalpenak, eta bere munduan egoten zen. Jolasgaraian, normalean, hobe moldatzen zen. Lagun batzuk bazituen eta txorakeria asko egiten zituenez, askotan haren inguruan ibiltzen ziren beste haurrak; ondo pasatzen zuten berarekin. Egun batean, Mikelatsek, gelako indartsuenak, harri bat bota zion Mariri; Mari, txintxo- txintxoa zen eta normalean ez zen liskarretan sartzen. Hodeik ez zuen Mikelats gehiegi maite, eta horregatik, edo Mari lirainaren atentzioa lortzeagatik, Mikelatsi honela esan zion: – Astakirten halakoa! Baboa! Zergatik bota diok harria Mariri? Zer egin dik berak hik horrela erantzuteko?- esan zion haserre. – Ba… ez zekiat ba!... Niri begira gelditu duk eta harria botatzeko gogoa jarri zaidak!- erantzun zion Mikelatsek. Erantzuna ez zitzaion oso logikoa iruditu Hodeiri eta zaplasteko bat eman zion Mikelatsi. Irakasleak Hodeik Mikelatsi eman zion zaplastekoa besterik ez zuen ikusi. Orduan, Hodei zigortuta utzi zuen: klaseak irauten zuen bitartean, asto belarriak jarrita egon behar zuen. Hodeik txintik esan gabe, horrela egon zen, Mikelats eta beste batzuk berari barre nola egiten zioten ikusten zuen bitartean. Gainera, asto belarriak zaharrak ziren; belarri bat ez zen tente gelditzen, eta begi artera erortzen zitzaion. Belarriak zuen hautsa zela eta, orbana gelditu zitzaion begi tartean. Beste egun batean, eskolako bidean, Peruk eskola ondoko baserriko sagarrondoko sagar batzuk nola lapurtzen zituen ikusi zuen. Berak bazekien lapurtzea ez zegoela ondo, eta honela esan zion Peruri segituan: – Peru, hik badakik hori lapurtzea dela. Utzi itzak sagar horiek bertan edo irakasleari esango zioat. – Hara! Hodei lurreratzen ari duk!- erantzun zion Peruk- Isilik egon hadi! Beti bere munduan egoten duk, eta polizia ematen dik orain. Ja, ja, ja, ja…. – Ja ja ja ja ja ja ja ja - inguruan zeudenak barrez hasi ziren Peruren ateraldiarekin. Hodeiri ez zitzaion asko gustatu denak barrez hastea. Izan ere, berak bazekien lapurtzea gaizki zegoela; horrela esaten zion beti aitak. Haserrealdi horretan zegoelarik, berak ere sagar pare bat hartu zituen. Ederrak ziren, eta ezin izan zion tentazioari eutsi. Orduan ere, sagarrondo haien jabeak, baserritarrak, Hodei harrapatu zuen. A ze zaplastekoa eman zion! – Alde egin ezak hemendik, lapur horrek! Ikusiko duk hire aitarekin hitz egiten dudanean! Etxera iristean, aitak jesukristoren errieta egin zion. Asteburuan etxetik atera gabe gelditu zen. Horrela, eguna joan eta eguna etorri, hainbat liskarretan sartu zen Hodei. “Zer gertatzen zait?- galdetzen zion bere buruari. “Inork ez nau maite, ama ere etsita ikusten dut. Amalurrek ere ez nau maite…” Hodeiek ez zuen ezer ulertzen. Txorakeriak egiten zituenean bakarrik sentitzen zen taldearen parte, eta orduan ere, dagoeneko konturatuta zegoen, lagunek askotan barre egiten ziotela. Azkenean, ez zen gai sentitzen ondo zegoena eta gaizki zegoena bereizteko… Gero eta isolatuago egoten hasi zen. Gurasoak eta Amalur kezkatuta zeuden, triste ikusten zuten. Askotan haserretzen zen eta ez zien ondo erantzuten. – Utz nazazue bakean!- esaten zuen- Ez nau inork ulertzen! Zuek maite nauzuela esaten duzue, baina nik ez dut hori horrela denik uste. Beti errieta egiten ari zarete. Hodei, egin hau; Hodei egin beste hori; Hodei ez al zara konturatzen hanka sartu duzula eta lagunik gabe geldituko zarela? EZ DUT EZER ULERTZEN! ! Eskolan, egoera ez zen hobea. Behin, euskal mitologia lantzen ari zirela, irakasleak Tartaloren ipuina kontatu zien. Tartalo, gizon zatarra zen, kobazuloan bizi zen, bakarrik, ez zuen familiarik, ez eta lagunik ere. Haurrez eta animaliaz elikatzen zen. Gainera, itsusia eta begibakarra zen. – Hara! Guk badugu Tartalo bat gelan!- esan zuen Peruk- Irakasleak asto belarriak jartzen dizkionean, belarria erortzen zaionean, konturatu al zarete ze orbana gelditzen zaion?… Tartalo ematen du! Ja, ja, ja, ja…. – Ja, ja, ja……- denek barre egin zuten. Horixe bakarrik ez nuen behar- pentsatu zuen Hodeiek- orain Tartalo deitzen hasiko dira. Hodei, baserriko ganbaran isolatuta zegoenean bakarrik hasi zen ondo sentitzen. Gurasoak eta Amalur kezkatuta zeuden bitartean. – Hodei, nahi duzu nirekin jolastu?- esaten zion Amalurrek maiz. – Utzi pakean, Amalur!- erantzuten zion- Amak esan dizu niregana etortzeko,ez? Hodei, ez zen inortaz fidatzen, ezta bere etxekoez ere. Egun batean, Hodei ganbaran zegoela, amona igo zen bertara: – Ai ene! Zenbat denbora neraman hona igo gabe! Jesus! Hau kuxidadea dagoena hemen! Nire Joxe bizirik egongo balitz, ez litzaioke hau batere gustatuko…. Sugaarrekin hitz egin behar dut lehenbailehen! – Kaixo, amona- esan zion Hodeiek. – Hara! Hodei! Hemen zaude!- amonak bazekien Hodei han zegoela; bera ere kezkatuta zegoen…- Lagunduko al didazu ganbara honetako trasteak txukuntzen? Zure aita horrek ez du sekula denborarik hartzen horretarako. – Noski, amona!- erantzun zion. – Zu bai mutil jator eta fina! – Ai, amona… Zu zara horrela ikusten nauen bakarra. Ez nau inork maite… Denek egiten didate barre… Gainera, ez dut sekula asmatzen… Inork ez du nirekin egon nahi. Amona, hori entzutean, ondoan eseri zitzaion eta goxo- goxo, Hodeiren begietara begira, honela esan zion: – Nik bai, Hodei, nik zurekin munduari bira emango nioke. – Bai, amona, badakit zuk maite nauzula, baina beste inork ez nau maite… – Ai, ene…. Ze antza duzun zure aitonarena. Joxek ere horrelako gauzak esaten zituen… – A, bai? Egia esan, ez naiz berarekin gogoratzen; nik urtebeta nuela hil zen. Amonari malko txiki bat erori zitzaion masailetik. 10 urte ziren Joxe hil zenetik, baina oraindik asko sentitzen zuen haren falta. Joxe aipatu orduko malkoa ateratzen zitzaion, eta nahiago izaten zuen hari buruz ez hitz egitea. – Negarrez zaude amona? Ez zaitut sekula negarrez ikusi… – Bai, nik Joxe asko maite nuen, eta nahiz eta askotan haserretu berarekin, bizitza ona izan genuen. Badakizu gau batzuetan ganbara honetara igotzen ginela dantza egitera? Dantzari bikaina zen Joxe. – A, bai? Hodeik aitonari buruz gehiago jakin nahi zuen. – Bai, dantzari eta bromazale aparta zen. Bere ondoan zegoena ez zen aspertzen! Hura umorea zuena... Zenbat barre egin genuen sukaldeko mahaiaren bueltan... – Nire inguruan ere barre asko egoten da, amona, baina ez nirekin barre egiten dutelako, nitaz baizik. – Jesus! Joxe ematen duzu! Horixe bera esaten zuen berak ezagutu nuenean. Eskolan ezagutu nuen, eta egia esan nahiko ganberroa zen…. Batzuetan arazoak izaten zituen eta maiz jartzen zizkion irakasleak asto- belarriak. Bolada txarra ere pasa zuen lagunekin; zure adina zuenean izango zen... Ez zen giro beraren ondoan! Asko haserretzen zen eta oso zaila egiten zitzaigun bere ondoan egotea. – Eta zer gertatu zen?- galdetu zion Hodeik gaiarekin interes handia erakutsiz. Lehenengo aldia zen bere aitonaren istorio hori entzun zuena. Harrituta zegoen. – Ni, oso maiteminduta nengoen berarekin, baina ez nintzen ausartzen ezer esaten. Halere, kasurik egiten ez zidala ikusita, oso kuttuna nuen harritxo batekin lepokoa egin nion. Notatxo bat ere idatzi nion, paper polit batean bildu, eta eskolako bere mahaian utzi nion. – Amona! Hori egin zenuen?- erantzun zion harrituta Hodeik- Ja, ja, ja…. Eta zer idatzi zenion notatxo hartan? – Ba hauxe: Kaixo Joxe. Josefa naiz, Joxpi. Azkenaldian haserre zabiltzala konturatu naiz. Opari hau egin nahi dizut, bakarrik ez zaudela kontura zaitezen. Harri hau oso berezia da niretzat. Kobazulo batean aurkitu nuen eta harrezkero beti eramaten dut mantalean. Niri nire sena identifikatzen lagundu dit. Edozein gertaera dela eta, harritxoa ukitu eta zer egin/esan nahi dudan pentsatzen lagundu dit. Orain, zuk nik baino gehiago behar duzula iruditzen zait. Horregatik oparitu nahi dizut zuri – Ze polita amona!- Hodei erabat hunkituta zegoen. Berari ere malkoa atera zitzaion. – Hodei, aitonak beti jantzita eramaten zuen lepokoa. Hil baino lehen, niri eman zidan eta orain nik zuri eman nahiko nizuke. Hodeik amona besarkatu zuen negar- zotinka. Bitartean amonak hauxe esan zion: Lepokoa zure IPARRORRATZA izan daiteke. Nola jokatu ez dakizunean, harria ukitu eta hartu minutu pare bat ezer egin aurretik. Kontatuko didazu nola doakizun hemendik aurrera. Hodeik pozik hartu zuen amonaren oparia. Aitonarena izan zen! Hark jantzi zuen urteetan orain berak lepoan zintzilik zuen harria! Mirestuta zegoen. Handik aurrera, Hodei, erabat aldatu zen. Barre egiten ziotela sentitzen zuenean, harria ukitu eta arnasa hartzen zuen. Orduan erabakitzen zuen egoerari nola egin aurre. Batzuetan, sorpresa batzuk ere hartu zituen; gertatzen zen guztiak ez zuen beti berarekin zerikusirik. Gainera, ez zen dagoeneko beste inoren arduradun sentitzen. Bakoitzak, bere bidea egiten duela ulertu zuen. Ez zuen beti asmatzen, baina bere barruan indartuta sentitzen zen. Esaten dutenez, amona hil zen arte, baserriko ganbaran entzun ziren tarteka barrak eta algarak, musika doinuarekin. Geroago, Marirekin ere joaten omen zen… HERIO Ikaragarri gustatzen zaizkit mitologiarekin zerikusia duten elezaharrak. Zaharrak dira, eta gainera belaunaldiz- belaunaldi kontatu izan dira baserrietako eta etxeetako sukaldeetan. Hori gutxi ez balitz, oraindik Marik bere indarra, zintzotasuna, justizia transmititzen digu; Sorginek, aldiz, festarako gogoa, edabe majikoak sukaldatzeko grina; Sugaarek indarra, autoritatea; Tartalok… Zer etortzen zaigu Tartalo irudikatzean? Agian, zatartasuna, norberaren baitan dauden haserreak…. Eta denek, hau da, pertsonai eta elezahar guztiek naturarekin eta gure barneko emozio/ sentipenekin konektatzen gaituzte. Horregatik ote dira, agian, hain iraunkorrak? Sentipenek garairik ez dutelako? ; beldurra, beti beldurra izan delako; maitasuna, maitasun etab... Bada, halere, mitologiako jeinu bat izugarri kostatzen zaidana digeritzea: Herio. Tartalo baina itsusiagoa da… Izena entzun orduko, barruak nahasten zaizkit, oiloipurdia jartzen zait, eztarria isten zait ia ahotsik gabe gelditzeraino…. Herio, heriotzaren jeinua omen da. Nola liteke, heriotzak bere jeinua izatea? Zeinen buruan sartzen da hain itsusia den gertaera bat irudikatzen duen pertsonak edo itzalak jeinuaren maila izatea? Horrek guztiak heriotzari diodan beldurra sentiarazten dit. Zer da heriotza? Bihotza gelditzen den momentua? Orduan, ez gara guk maite dugun jendearekin hitz egiteko gai izango; ez gara bakarrik sentituko; ez dugu poza sentituko…. Ez dugu ezer sentituko… Batzuek diotenez, guk utzitako arrastoa hor egongo da. Horrela al da? ; Gu hiltzean, gure pasadizoren bat edo kontatzen dutenean, edo guri gazta- tarta zenbat gustatzen zitzaigun gogoratzen dutenean. Hau da, gutaz inork hitz egiten duenean azaltzen al da gure arrastoa? Hori al da gure arrastoa? Eta guk ezagutu ditugun edo ezagutu ez ditugun gure familiartekoek, lagunek utzi diguten arrastoak zer eragin du guregan?Nik ez nituen aitona amonak ia ezagutu, baina ikaragarrizko antza omen dut amona Remediosena, eta amona Joxepak abilezia ikaragarria omen zuen edozein jakirekin plater goxoak egiteko eta niri sukaldatzea asko gustatzen zait…. Nire anai- arrebak hil zirenean utzi zuten hutsunea ere sentitu dut nire gurasoen begiradetan, haietaz gehiegi hitz egiteko gai izan ez diren arren; ez nituen ezagutu, baina hutsunea sentitu, sentitu dut. Hori ere arrastoa da? Eta… Ez al gara baita ere pixkanaka hiltzen bizitzen ari garen heinean? Momentuak pasa ahala, momentu horiek ez dira bueltatuko; hori ere heriotza dela ere entzun izan diot adituren bati... Haurra nintzela, egun batean, andereño Bixenek heriotzari buruz hitz egin zigun, egurrezko zorua zuen gela hartan, hainbeste goxatzen zuen leku hartan. Behin heriotzari buruz zer genekien galdetu zigun. Heriori buruzko istorio bat ere kontatu zigun: Istorio horretan, ikazkin txiro bat eta Herio dira protagonistak. Dirudienez, Heriok denekin berdin jokatzen du berarekin eramateko ordua iristen denean; aberats zein txiro eramaten ditu beste mundura, heriotzaren mundura, alegia. Pasarte hauek gogoratzen ditut: Gaixo bat ohean dagoenean, ohe-buruan ikusten banauzu, ziur egon hilko dela, baina oinetan ikusten banauzu, eta edozein sendagai ematen badiozu , ez da hilko....” (Heriok esana) … pertsona guztiekin jokabide bera zuela erantzun zion. Kapa beltzarekin inguratu, eta betiko eraman zuen ikazkin gizagaixoa. Bixenek, ordea, ez zigun kontatu zer istorio zuen heriotzarekin. Ezagutu al zuen Herio ikusi zuen inor? Izango zuen hark ere amona Joxeparen parekorik… Beldurra ematen al zion heriotzak? Ez nintzen galdetzen ausartu. Orduan, artean ez nekien nire anai- arrebak, Jose Mari eta Mari Jose, bizi izan zirenik ere. Batzuk gai izan ziren hildako aiton-amonei buruz hitz egiteko eta, haien harira, pasadizo pila bat kontatu zituzten beste batzuek. Gelako horma batean marrazki bat egin eta heriotzari buruz sentitzen genuen edozer jartzera gonbidatu gintuen Bixenek. Orduan, ni ez nintzen ezer esateko edo marrazteko gai izan, are gutxiago ezer idazteko. Nik gaiarekiko sentitzen nuen hutsunearekin irudikatu nuen pareta hartako nire lekua. Ordu osoa paper zuri hari begira egon eta gero, Bixenek papera horrela jartzeko esan zidan: – Lasai, maitea. - esan zidan- nik ere ez dakit ezer marrazteko gai izango nintzatekeen. Orria horrela jarriko dugu paretan eta egunen batean, zerbait idatzi nahi baduzu, edo marraztu nahi baduzu, egin. Ni ikasle txintxoa nintzen eta, Bixeni huts ez egitearren edo, zerbait idatzi edo marraztu nahi nuen, baina eguna joan eta eguna etorri, ez nintzen gai sentitu ezer egiteko paper txuri horretan. – Garrantzitsuena da zuk zerbait egiteko gogoa ala beharra sentitzen duzunean egitea da. Ez zaude behartuta ezer egitera. Alde batetik, berak esandakoak lasaitzen ninduen, behartuta ez egoteak, alegia, baina, bestetik, besteen marrazkiak hor zeuden eta nik nirea hutsik utzi nuela gogorarazten zidaten. Andoni ere ni bezala zegoen; berak ere paper txuria jarri zuen. Bata bestearen ondoan jarri genituen, elkarri babesa eman nahian edo. Beste marrazkietan, batzuetan, izen batzuk agertzen ziren, besteetan mamu itxurako pertsonaia itsusi batzuk, zenbaitetan hilerriak, eskeletoak…… Nik zerbait berezia egin nahi nuen, Bixen txundituko zuken zerbait, baina nire marrazkiak koloretsuak izan ohi ziren, eta, heriotza marrazki koloretsuekin irudikatzea errespetu falta irudituko zitzaiolako edo, ez nintzen ausartzen ezer egitera. Egunak joan, egunak etorri, kontu hau ahazten joan zitzaidan. Horretan ez pentsatzea hobe zela esan zidan amak nire kezka azaldu nionean: – Heriotzari buruzko marrazkia egiteko eskatu dizuela Bixenek? Hori burutazioa hori! - esan zidan amak. – Ama, baina zer da heriotza?- galdetu nion. – Ba….. heriotza….. hiltzean zerura joaten gara eta han egindako pekatu guztiak barkatuko dizkigute…… - erantzun zidan urduri. Ama kristaua da eta, dirudienez, sinismen horrek balio dio. Agian, pekaturik ez duelako izango zela pentsatu nuen, baina nik banituen pekatutxo batzuk: Leireren boligrafo polit hura lapurtu nuenekoa, Begoñaren edertasunak inbidia ikaragarria ematen zidan…. Kontuak kontu, amarekin horri buruz gehiago ez hitz egitea erabaki nuen. Alde batetik, ez zidan asko balio haren erantzunak: zerura joaten ginela? eta ama urduri ikusten ez nengoen ohituta. Beti izan ohi zuen denetarako erantzuna. Aitarekin ez nintzen ausartu ere egin. Ziur aski, builaren bat botako zidan, horiek txorakeriak zirela esanez... Beraz, gaia baztertu egin nuen… ekainera arte. Egun hartan, ez zuen, ba, Andonik asko maite zuen zaldi baten marrazkia egin bere orri txurian? Andonik, gainera, oso ondo marrazten zuen… Dirudienez, zaldi hori, “ Txuri”, aurreko egunean hil egin zen. Triste zegoen eta horrek asko hunkitu ninduen; hura triste ikusten ere ez nengoen oso ohituta. Marrazkia ikaragarri gustatu zitzaidala esan nionean, esan zidan nahi baldin banuen, niretzat ere egingo zuela marrazki bat. Esan eta egin, hurrengo egunean Txuriren beste marrazki bat ekarri zidan, sinadura eta guzti! Asko eskertu nion oparia: momentu hartan ez zidan nire marrazkia egiteko balio izan, baina altxorra bezala gorde nuen. Orduan ez nekien handik urte batzuetara, Andoni, zu ere Heriorekin bizitzera joango zinela, isil-isilik; bihotzak ez zizun abisatu egun hotz hartan, bat- batean gelditu egingo zela. Denborarik eman al zizun Herioren begiak nolakoak diren ikusteko? Ekaineko azken egunean, ohikoa zen moduan, egindako lan guztiak grapatu genituen etxera eramateko. Heriotzari buruzko marrazkia ere eraman zuten denek. Nik negar egin nuen egun hartan, ez nintzelako gai izan Bixenek eskatutakoa betetzeko. Bixenek, ordea, niregana gerturatzean, horrela esan zidan: – Zure orri txuria betetzeko denbora asko duzu, bizitza osoa. Gorde orria, eta, zerbait idazteko edo marrazteko gogoa daukazunean, egin. Bixenek esandakoa ez nuen ondo ulertu, baina sakona zen itxura hartu nion. Hark ere bere orria txuria zuen sentsazioa eman zidan. Agian, hori esan balit…, berak ere bere orria betetzen jarraitzen zuela... Nik nire orria Txuriren marrazkiarekin batera grapatu nuen eta etxera eraman nituen. Orain, urte batzuk pasa ondoren, nire alabak dira heriotzarekin kezkatuta dabiltzanak… – Nora goaz hiltzen garenean? Nondik gatoz?- galdetzen didate. Horrelakoetan, erantzunik gabe gelditu ohi izan naiz. Nire amak, sikiera, zerura joaten garela sinisten du, baina zer egin dezakegu horrek ez digunean balio? Zer konta diezaiekegu? Budista edo sasi- budista izatea ere pasa zait burutik. Sasi diot, ez dudalako nire burua tunika laranja batekin irudikatzen, eta ile gutxi izan arren, ez nuke gutxi hori galdu nahi. Gainera, ez zait iruditzen meditazio ordu luze horiek ondo eramango nituzkeenik. Halere, ikaragarri erakartzen nau berriro biziko garela pentsatzeak. Gainera, nahiz eta oraindik asko bizitzeko asmoa dudan, badakit egin nahi dudan guztia egiteko denborarik ez dudala izango. Dagoeneko 46 urte ditut eta oraindik aktoresa, sukaldaria, idazlea, tabernaria….. izan nahi dut, eta bizitza honetan ez dut denborarik izango. Ez dakit lehen hemen egon naizen edo hemendik aurrera hemen egongo naizen, baina hori inoiz deskubritzen badut, deskubritu artean, bizitzari eusteko hautua egin dut, momentu txikiak, egunerokoak bizitzeko hautua, alegia. Bitartean, Herio, zuri nire aitona- amonen, anaiaren eta ahizparen, Andoniren eta Txuriren begiak jarriko dizkizut. Zuek denok nire bizitzan arrastoa utzi zenutelako, zuek nire bihotza ukitu zenutelako, eta zuei esker ere bizitza gozatzeko gogoa pizten zaidalako LAMI Orain dela 150 urte, bazen Gipuzkoan barrena beste asko bezalako herri txiki bat: Badalegi herria, hain zuzen ere. Herria txikia zen, 200 bat biztanle bizi ziren bertan. Gehienak nekazariak ziren; landatzen zituzten barazkiak eta zaintzen zituzten animaliak janaz bizi ziren. Herrian ez zen ezer askorik gertatzen normalean. Neguan, herriko haurrak goizero eskolara joaten ziren, baina 10 urte bete orduko, kontuak egiten jakin ala ez, irakurtzen eta idazten jakin ala ez, eskolako lanak alde batera uzten zituzten. Orduan, baserrietan lana egiteari ekiten zioten buru- belarri. Igandeetan, eguraldiak laguntzen zuen egunetan behintzat, haurrak basoan zegoen errekatxo batera joaten ziren jolastera. Ni bertan bizi nintzen, eta hango haurrak bezala, errekan asko gozatzen nuen. Garai hartan, ordea, herrian mugimendu asko egoten hasi zen. Familia batzuk, gosea zela medio, hiri handietara joaten hasi ziren. Horietan lana omen zegoen; fabrika handietan lanari muzin egiten ez zioten langileak behar zituzten, eta esaten zutenez, bizilekua ere eskaintzen zuten. Aitak eta amak ez zuten oso argi ikusi inora joatearena, baina etxean asko ginenez - 8 anai- arreba ginen denera- zerbait pentsatzeko momentua iritsi zen. Afaltzen ari ginen gau batean, gu ere hirira joateko erabakia hartua zutela esan ziguten. – Ez dago nahikoa lanik hemen gu denok bizitzeko. Hirian ondo biziko gara.- horretaz ziur baleude bezala hitz egin ziguten. Guk ez genuen adorerik izan ezer esateko. Haiek esaten zutena familiarentzat hoberena izango zelakoan, txintik esan gabe, onartu genuen erabakia. Negua pasa zen eta etxeko karroan sartuta abiatu ginen denok hirira. Zein hiri zen ere ez dut gogoan; izan ere, nik, nire anai arrebak bezala, ez nuen hiririk ezagutzen… Bueltatuko al ginen inoiz gure etxera? Joan aurretik, amak gure gauzak kaxatan sartzeko esan zigun. Bakoitzari kaxa bat eman zigun eta han sartzen ez zena baserrian geldituko zen. Nik, nire 2 soinekoak, lastoarekin egindako panpina eta amonak eman zidan orrazi zahar horia sartu nituen. Lekua soberan nuenez, maindire batzuk sartu zituen amak nire kaxan. Bidean ginela, aita eta ama urduri zeudela nabaritu genuen, baina inor ez ginen ezer esatera ausartu. Gu ere urduri geunden; nolakoa ote zen hiriko bizimodua? Izango al zen han errekarik? Eskolara ez genuela joan beharko argi genuen; ni nintzen etxean gazteena, eta dagoeneko 11 urte nituen. Bidaia luzea eta neketsua izan zen: 10 egun, 9 gau pasa genituen karro hartan. Halere, ez zen dena nekea izan bidai hartan. Aita oso kantaria zen eta bidaia atseginago egite aldera abesti asko kantatu zizkigun, eta baita guk ere berarekin: Ikusten duzu goizean, argia hasten denean, menditto baten gainean, etxe ttipitto, aintzin zuri bat lau haitzondoren erdian, zakur zuri bat atean, iturritto bat aldean? Han bizi naiz ni bakean Ama isilik gelditzen zen, baina irrifar txikia ikusi nion tarteka… Hirira iritsi ginenean, oso arrotz sentitu ginen: grisa zen oso, ke asko zegoen, errekarik ez zen ikusten, bistan behintzat. Etxe handi bat ikusi genuen. Etxe hartan tximini handi bat zegoen. Geroago jakin genuen hura izango zela denbora gehien pasatuko genuen lekua: fabrika. Aita, orduan, inoiz ez bezala, serio jarri zen eta inoiz entzun dudan bertsorik hunkigarriena kantatu zigun: Gure bizitza aldatuko da hala ematen du antza zer esaten dizuedan entzun altxatu denok bihotza nahiz eta orain ez iruditu hemen dago gure ametsa ez dezagun guk mesedez galdu bizitzeko esperantza. Amari malko bat atera zitzaion, baina segituan lehortu zuen: – Tira, Joakin! Utz itzazu bertsoak alde batera, eta goazen hara. Han dagoen gizonak hemengo nagusia dirudi, eta agian nora joan behar dugun esango digu. Denok karrotik jaitsi, eta, aitaren atzean jarrita, bere pausoak jarraitu genituen amak esandako gizona zegoen lekuraino. Gizona, mahai baten atzean zegoen, eserita. Haren parean, gizon askoko ilara luzea zegoen. Aitak, gu bazter batean esertzeko agindu zigun, bera ilaran jartzen zen bitartean. Ama gurekin eseri zen; gazta eta ogia eman zigun jateko. Ilara nahiko arin zihoan. Guk amak emandako janaria bukatu orduko iritsi zen aita gizon harengana. Ez zuen denbora gehiegi pasa harekin hizketan. Guregana irribarretsu etorri zen: – Bueno, familia. Bihartik aurrera lanean hasiko naiz, fabrikan. Lo egiteko gelatxo bat utziko digutela esan dit. 410.gela izango da gurea. Ate hartatik sartu, eta laugarren solairura joan behar dugu. Goazen! Bere atzetik joan ginen denok. Karroko gauzak hartu, eta bakoitza bere kaxa eskuetan genuela igo genituen leku hartako eskailerak. – 410.gela?- pentsatu nuen. Horrek esan nahi zuen jende asko biziko ginela han… Gelara sartu, eta hautsaz gain, sukaldatzeko mahai txiki bat zuela ikusi zuen amak lehenengo. Aita segituan hasi zen kaxetako gauzak armairu txiki hartan sartzen. Amak, gero, gure gauzak uzteko lekua bilatzeko agindu zigun. Trapua hartu, eta garbitzen hasi zen. Nik pixagurea nuen, baina ez nuen komunik ikusi eta pixari eutsi nion. Gauzak uzteko lekurik ez genuen topatu, eta kaxak ireki eta bertan utzi genituen. Amak nirean sartutako maindireak lurrean zeuden koltxoietan jarri genituen. Aita eta amarentzat ohe handi bat zegoen. Haiekin lo egiten utziko zidaten esperantza piztu zitzaidan. Leher eginda geundenez, segituan hartu genuen lo. Hurrengo goizean, gu esnatzerako, aita lanera joana zen. Ni amaren ondoan esnatu nintzen, maindireak bustita. Amak muxu eman zidan, eta lasai egoteko esan zidan. Ogi pixka bat gosaldu eta gero, amari gela hotz hura txukuntzen lagundu genion. Arratsaldea iritsi zenerako, gela txukun jarri genuen, gure egin genuen. Gauean, aita iritsi zen: – Zer moduz, aita?- galdetu genion- Zer moduzko lana da? – Oso ondo moldatu naiz. Gainera, lagun bat egin dut, euskalduna, Pedro izena du. 325. gelan bizi da. 6 alaba ditu. Gero, afaldutakoan, zuekin bere gelara joateko esan dit. Zer berezitasun zuen euskalduna izateak? Ez al ginen denok euskaldunak?- pentsatu nuen. Geroago jakin nuen denok ez ginela euskaldunak izango joan ginen hiri hartan. Espainiako leku askotatik joanak ziren hara gu bezala lanera. Aita nekatuta zegoela nabaria zen. Ez dakit nondik ateratzen zuen indarra! Harekin, gauzak erraz joaten ziren… Pedrok urte bete zeraman leku hartan bizitzen. Esan zigunez, bizimodu gogorra zen, lana ordu askoz egin behar izaten zen. Haren emazteak ere lana egiten zuen fabrikan, eta bien artean irabazten zuten diruari esker bizi ziren. Alabak gutxi ikusten zituzten, baina, gutxienez, jatekorik ez zitzaien falta. Aitak, hurrengo egunean, amarentzat lana eskatuko zuela esan zuen. Eta guk? Zer egin behar genuen guk bitartean? Han, 14 urtetik aurrera fabrikan lana egiten zutela esan zigun Pedrok. Adin horretatik beheragokoentzat fabrikako nagusiak eskolara joateko aukera uzten zuela esan zigun. – Aukera?- pentsatu nuen. Beraz, Marik eta nik, eskolara joan beharko genuen! Ez zigun grazia handiegirik egin. Gure herrian eskolan izan genuen esperientzia ez zen ona izan. Hobe esanda, tamalgarria izan zen. On Eduardo izan genuen irakasle. Nire ahizpa Pilarren titiak zituen gustuko eta ahal zuen guztietan ukitzen zion ipurdia. Denok konturatzen ginen horretaz, baina beldurragatik isildu egiten ginen. Pilar gaixoak gorriak pasa zituen On Eduardorekin. Besteok ere ez gintuen ondo tratatzen. Ikaragarrizko builak egiten zizkigun. Gainera, Mari eta ni ez ginen onak, ez irakurtzen, ezta kontuak egiten ere. Hori guztia aita eta amari kontatzeko adorerik ere ez genuen izan. Normala zela iruditzen zitzaigun, besterik ez genuen eta ezagutu... Aita eta ama pozik zeuden gu eskolara joango ginelako. Haiek ez zuten ikasteko aukerarik izan, eta guk behintzat idazten eta irakurtzen ikasiz gero, agian, irakasle izatera iritsiko ginen: – Irakasle gu? On Eduardo bezalako irakasle gu?- pentsatu genuen. Handik aste batera hasi ginen eskolara joaten. Etxe handi hartako beheko solairuan zegoen gela batera joateko esan zigun Pedrok. Haren alaba gazteena, Lutxi, gurekin joango zen. Gela hartan sartu orduko, arreta eman zigun lehenengo gauza irakaslearen mahaiaren gainean zegoen lore sorta izan zen. Ez ginen ia sartzera ausartzen eta ate ondoan gelditu ginen ahizpa eta biok lurrera begiratuz. Ni, zeharka, loreei begira gelditu nintzen. Halako batean, presaka, andereño eder bat sartu zen gelan. Gaztea zen, eta aurpegian irribarre ederra zuen, xaboi goxoaren usaina zuen. – Kaixo!- esan zuen- Egunon guztiori! Hau egun ederra dagoena gaur. Aspaldiko partez eguzkia atera da! Konturatu al zarete? Niri emakume hori burutik ondo ez zegoela iruditu zitzaidan; egun ederra zela? Zerk ematen zion barre egiteko gogoa… Nor zen? – Hara! Eta zuek zein zarete?- galdetu zigun ahizpari eta niri. – Ba…. Gu….. Zera….. Mari eta Lami gara gu, ahizpak gara- erantzun zuen Marik. Ni isil- isilik gelditu nintzen, loreei begira oraindik. – Ba, ongi-etorriak Mari eta Lami. Ni Ane naiz, zuen andereñoa. Asko pozten naiz ikasle berriak izateaz. Hor dauden mahaitxo horietan eser zaitezkete.- esan zigun irribarrea ahoan zuela. – Mari, loreak gustatzen al zaizkizu?- galdetu zidan. Urduri jarri nintzen niri galdezka ari zela ikustean. Zer erantzun behar nuen? Baietz? Ezetz? Nahiago nukeen momentu hartan ikusezina izan banintz… – ……. ez dakit…..- erantzun nion. – Loreei begira gelditu zarela konturatu naiz eta horregatik galdetu dizut. Niri ikaragarri gustatzen zaizkit. Hemen ez da erraza loreak lortzea, baina ahal dudanean behintzat, saiatzen naiz hona ekartzen. Gelari goxotasuna ematen diotela iruditzen zait. Zuri? – Eee…. Bai, noski.- erantzun nion Asko hitz egiten zuen emakume hark. Ahaztuta nuen haren izena… Loreak gustuko zituela? Bueno, baserrian geundenean, sukaldean zegoen pitxar zahar batean nik ere jartzen nituen bidean jasotzen nituen loreak. Gustatzen zitzaidan, noski! Baina ez nuen hori egiten zuen beste inor ezagutzen. Emakume hark, esandako lekuan eseri ginenean, kontatzeko ezer al genuen galdetu zigun. Zer esan nahi zuen horrekin? Mari eta ni begiak zabal- zabal eginda isilik gelditu ginen. Orduan, Lutxik hitz egin zuen. Nik pixagura nuen, baina oraingoan ere ez nintzen ausartu komunera joateko baimena eskatzen. – Nik bai! Atzo lagun berriak egin nituen: Mari, Lami eta haien familia. Etxera etorri ziren afaldu eta gero. Nire familiarekin hona etorri nintzen egunarekin gogoratu nintzen. Hain sentitzen nintzen bakarrik… – Bai, Lutxi. Ni ere horrekin gogoratzen ari naiz oraintxe bertan… Zortea izan dute zurekin topo egitean.- erantzun zuen andereñok. Gutaz hitz egin behar al dugu orain? pentsatu nuen. Ez nuen lehenengo egunean nabarmentzeko gogorik. Pixak alde egingo zidan beldur nintzen. – Inork ba du horren inguruan ezer esateko?- galdetu zuen. – Ba, nik dagoeneko ahaztu dut nolakoa zen nire etxea, nire herria.- esan zuen aurrean esertzen zen beste batek. Nik ez - pentsatu nuen. Oso fresko nuen amaren malkoa, baserriko ataria, errekatxoa… – Ahaztuko ez zenuen, ba!- esan zuen beste batek- Tonto hutsa zea ta! – Ja, ja, ja, ja….- egin zuten batzuek. Orduan, nire soinekoa bustitzen ari zela somatu nuen. Pixa egin dut, soinean. Ai ene! Zigortuta egon beharko dut! Mari segituan konturatu zen. Bera ere gorri- gorri jarri zen. Soinean zuen txaketa kendu zuen eta nire gainean jarri zuen, inor konturatu baino lehen. Nik handik desagertu egin nahi nuen! Aita eta amarekin egon nahi nuen… Orduan, andereñoak etorri ginen egunean sentitu genuena marrazteko esan zigun. Marrazkiekin horma- irudia egingo genuen. Marraztu? Zer zen hori? Nik ez nuen sekula marrazkirik egin. Txikia nintzenean, bateren bat baina oso gutxi… Mari eta ni geldi- geldi gelditu ginen; beste guztiak segituan hasi ziren marrazten. Gu geldi eta mutu geundela ikustean, andereño hura guregana gerturatu zen: – Ez al zaizue marraztea gustatzen?- galdetu zigun. – Ba…. Ez dakit… Zer egin behar dugu? Zer marraztu behar dugu?- galdetu zion Marik. Ni zaplastekoaren zarataren zain gelditu nintzen. Nola ausartu zen Mari ezer galdetzen? – Begira, kontua ez da zerbait zehatza egitea. Margoak hartu eta nahi duzuna egin dezakezue. Agian, hona etortzen ari zineten momenturen bateko zerbait marraz dezakezue…- esan zigun irribarretsu. Ni oso urduri nengoen, pixa usaina nabari nuen eta ez nion ezer ulertzen emakume hari. – Lami, nahi duzu nirekin pixka bat kanpora atera? Zurekin hitz egin nahiko nuke. - esan zidan niri. Nik ez nuen aulkitik altxatu nahi. Denak konturatuko ziren soinean pixa egin nuela… Orduan, andereñoak Mariri belarrira zerbait esan zion; begiarekin keinua egin ziola ere ikusi nuen… Marik, andereñoarekin lasai joateko esan zidan belarrira, berak lehortuko zuela aulkia inor konturatu baino lehen. Andereñoak eskua eman, eta berarekin atera nintzen gelatik. Komunera eraman ninduen eta han goxo- goxo hitz egin zidan: – Lami, zer duzu? – Ez dakit zer erantzutea nahi duzun… – Ba, sentitzen duzuna. Zer demontre esan nahi zuen? Bere begiradarekin ez nintzen eroso sentitzen; bere begiradarekin barruak ikusiko zizkidala sentitzen nuen, baina nola esan hori? – Lasai, Lami. Orain ez esan nahi ez duzun ezer.- esan zidan- Nik ere badakit zer den zer esan nahi dudan ezin asmaturik ibiltzea. Ez dakizula? Orain ez zara, ba, asko isiltzen… – Badakizu nola iritsi nintzen ni hona?- galdetu zidan. – Ba, ez….- erantzun nion. – Nire amonarekin etorri nintzen. Ni ere, zu bezala, herri txiki batekoa naiz, Bazenlegikoa. Nire gurasoak gaixotu, eta hil zirenean, orain dela 10 urte, joan nintzen amonarekin Madrilera. Asko maite nuen amona; zaindu eta ikastera animatu ninduen: “Ikasten baduzu, bizitzan lanbide duina izateko aukera izango duzu” esaten zidan maiz. Horrela, irakasle izateko ikasi nuen, nahiz eta haurra nintzenean, ez oso ona izan irakurtzen eta idazten. Amona iaz hil zen. Hura hildakoan etorri nintzen hona, zu bezalako haurrekin nik ikasitakoa zuekin partekatzera. Niretzat garrantzitsuena zuek ondo sentitzea da, eta horregatik jakin nahi dut zuek nola sentitzen zareten.- esan zidan. Hori izan zen aurpegira begiratzen ausartu nintzen lehen aldia. Nola sentitzen nintzen bazekiela sentitu nuen, baina ez nintzen ezer esatera ausartu orduan ere. – Orain, nahi baduzu, soineko hau jantzi dezakezu. Zure adina nuenekoa da. Hemen gordetzen dut “larrialdietarako”.- esan zidan keinu bat eginez. Pixa soinean egin nuela bazekien zen orduan... Larrialdia deitu zion nire pixari… – Eskerrik asko- esan nion eta jaboi usai goxoa zuen soineko hura jantzi nuen. – Bukatzen duzunean, etorri gelara, zure marrazkia ikusteko gogoa dut eta. Gelara sartu nintzenean, ahizpa marrazki bat egiten hasia zela ikusi nuen: gure baserria zela iruditu zitzaidan. Zer egingo nuen pentsatzen hasi nintzen… Halako batean, arkatza hartu, eta amonak emandako orrazia marraztea pentsatu nuen. Pentsatu eta egin! Ez galdetu zergatik baina huraxe egin nuen. Denok marrazkiak bukatu genituenean, Anek marrazki guztiak bildu zituen. Gero, denoi borobilean jarrita zutik jartzeko esan zigun. Borobilaren erdian marrazkiak jarri zituen: Ondoren, marrazkien inguruan poliki- poliki buelta batzuk eman genituen. Bukatzeko, borobilean, lurrean eserita, inork ezer esan nahi ote zuen galdetu zigun. Nire ezkerraldean zegoenak faltan botatzen zuen mendia marraztu zuela esan zuen; Mariren ondoan zegoenak baserrian utzi zuen txakurra marraztu zuen, hilda zegoen ala ez ez omen zekien eta tristura sartzen omen zitzaion; Marik esan zuen baserria marraztu zuela, bere etxea ez ahazteko. Nik ez nuen ezer esan, baina amonak emandako orrazia asko maite nuela esango nukeen, adorerik bilatu izan banu. Gure etxea izango zen gelara iritsi ginenean, ez zegoen inor gure zain: – Lanera joango ziren denak- esan zidan Marik. – Bai, ziur aski.- erantzun nion. Nik amonaren orrazia hartu, eta ilea orrazten egon nintzen ez dakit zenbat denbora. Egun arraroa izan zen hura: Anerekin izandako elkarrizketa nuen gogoan, hark utzitako soineko garbia usaintzen nuen bitartean. Badalegiko errekatxoarekin ere gogoratu nintzen. Hurrengo egunean, Lutxiri, han errekatxorik bazegoen galdetuko nion. Aita, ama eta anai arrebak etorri ziren, azkenean. Nekatuta zeudela nabaria zen. Anai arrebak oihal handiak plantxatzen egon ziren amarekin batera. Ez nekien oraindik aitaren lana zein zen… Errudun sentitu nintzen: gu marrazkiak egiten ibili ginen bitartean, haiek lan eta lan aritu ziren. Egunak joan, egunak etorri, pixkanaka leku hartara egokitzen joan ginen. Ane atsegina zen, egunero galdetzen zidan zer moduz nengoen. Nik ondo nengoela erantzuten nion beti. Hori entzun nahi zuela zirudien. Lagunik ez genuen egin. Lutxi zen tarteka zerbait esatera hurbiltzen zitzaigun bakarra. Batzuk gazteleraz hitz egiten zuten, eta ez genien ulertzen. Esan zidan han errekarik ez zegoela, baina arropa garbitzeko ibiltzen zuten iturrian iluntzean haurrak elkartzen omen ziren; nahi bagenuen, joateko. Beste inork ezer esaten ez zigutenez, guk, sumatzen genuen ongi- etorriak izango ez ginela, eta ez ginen joaten. Ez gintuzten gaizki tratatzen edo iraintzen, baina Anek lan-taldeak egiten zituenean, ez gintuen inork aukeratzen, eta jolastera ere ez zen inor guregana etortzen. Iluntzetan, amonak emandako orraziarekin ilea orrazten egoten nintzen. Orduan, berarekin pentsatzen nuen, eta Badalegiko errekatxoarekin, eta han utzi nituen lagunekin… Hilabete pasa ondoren, Anek Marirekin eta nirekin hitz egin nahi zuela esan zigun. Egun hartako klasea amaitutakoan, haren mahaira inguratu ginen. Irakurtzen eta idazten ez genekien oraindik, eta asko nabarmentzen ginen besteen ondoan. Horretaz hitz egin nahi ote zuen? – Mari, Lami, badakizue zer esan nahi dizuedan? – Ba, ez, baina pentsatzen dut gehiago ikasi behar dugula izango dela- esan zuen Marik- oraindik ez dakigu irakurtzen eta idazten… – Ba, ez- erantzun zigun- zuen herriaren deskribapena egiteko eskatu nahi dizuet, gero, zuen ikaskideei azaltzeko. Denari eskatuko dizuedan lana da, baina galdetu nahi nizuen zuek etorri zareten azkenak zaretenez, zer moduzko ideia den. – Guri galdetu? - esan nion nik- Zergatik? – Ba, zuen herria eta nirea antzekoak direlako, amonarekin joan nintzen batean ikusi nuenez. Lana, hiruron artean egin dezakegu. Bihar hasiko gara lan horretan, matematikako saioaren ondoren, ondo iruditzen bazaizue. – Bai, noski. Zuri ondo iruditzen bazaizu, guri ere bai.- erantzun nuen. Hurrengo egunean, buru belarri hasi ginen lanean. Aneren aginduen zain gelditu ginen Mari eta biok, baina hark guk proposamenak egitea nahi zuen: – Nola deskribatuko zenukete zuen herria?- galdetu zigun. – Ba, ez dakigu… - erantzun genion. – Begira, deskribapena era askotan egin daiteke: idatziz, marrazkien bidez, agian bertako gauzaren bat erakutsiz...Guk nola egin aukeratu behar dugu. – Objektuak?- pentsatu nuen- agian, amonaren orrazia eraman dezaket. – Zuek proposatzea nahiko nuke. Pentsatu zer kontatu nahi duzuen: herrian zer leku dauden, zeren falta sentitzen duzuen, agian, ala zer egiten zenuten han... – Ba, herria honekin konparatuz gero, txikia da. 200 bat biztale bizi ginen han, baina azken urteetan geroz eta gehiagok alde egin dugu handik…- esan zuen Marik. – Oso ondo, Mari. Hori da! Zuk zer gehiago esango zenuke, Lami?- galdetu zidan. – Ba, errekatxo bat dagoela. Udaran, herriko haur guztiak joaten ginen bainatzera. Ederki pasatzen genuen.- erantzun nion. – Amak errekako argazki zahar bat ekarri zuela uste dut, eta baserri atarian aterata dagoen familiaren argazki bat ere bai.- esan zuen Marik. Pixkanaka, hilabetean lana prestatzen aritu ginen. Anek asko lagundu zigun. Amaren argazkiak eta aitonaren txanoa eramatea pentsatu genuen. Errekatxoaren argazkia azkenean baserrian utzi zuela esan zigun amak, eta nik marraztu nuen Anek utzitako margoekin. Amonaren orrazia ere erakutsi nion Aneri. Ikaragarri gustatu zitzaion; ilea harekin orrazten utziko al nion galdetu zidan: – Bai noski!- erantzun nion pozaren pozez. Aurkezpenak egiteko eguna iritsi zen. Anek guk bakarrik egiteko esan zigun. prestatuta izan arren, urduri geunden. Aurkezpen bat egiten genuen lehenengo aldia zen. Anek asko lagundu zigun. Idatzi ere egin genuen, ondo, hark esan zuenez. Ikaskideek primeran aurkeztu zituzten lanak: batzuek, aitaren lanari buruz hitz egin zuten; beste batzuek animaliei buruz; beste batzuek gustuko jolasak aurkeztu zituzten. Gu azkenak izan ginen. Pixagurak akabatzen nengoen, eta aurkezpenean alde egiterik nahi ez nuenez, Aneri komunera joateko baimena eskatu nion. Oholtza gainean jarri ginen Mari eta biok, besteak aurretik egin zuten bezala. Beldur nintzen ahotsa ez ote zitzaidan aterako. Adostu genuen bezala, Mari hasi zen herria eta gure baserria deskribatzen, nik familiaren argazkia eta aitaren txapela denei erakusten nien bitartean. Bukatzeko, errekatxoaren marrazkia erakutsi nien denei, eta azaldu nien hori zela herrian nire lekurik gustukoena. Hara bueltatuko banintz, esan nien hankak bustitzen nituen bitartean, amonaren orraziarekin ilea orraztuko nukeela. Bukatzean, amonak erakutsitako kanta bat kantatu genien Marik eta biok: Erreka Lami da nire izena txuri eta orlegi maite ditut. Libre eta pozik bizi nahi dut. Errekan aurkituko nauzu. Errekan aurkituko nauzu. Txalo- zaparrada ederra jaso genuen. Harrituta gelditu ginen Mari eta biok. Bukatutakoan, Anek horrela esan zigun: – Zeinen pozik nagoen zuen lanak ikusita. Primeran egin duzue denok. Manu, zure txakurra ezagutzeko gogoa jarri zait. Ekarriko al duzu egunen batean gelara? – Bai, horixe! Esan dizuedan bezala, zaharra da, baina gustura ekarriko dut. – Lami, Mari, zuekin errekatxora joateko gogoa piztu zait. Hemen ez dago errekatxorik, baina bihar, iluntzean elkartzen zareten iturrira joan gaitezke zure orrazia probatzera. Zer iruditzen zaizue? – Primeran!- esan genuen denok txaloka. – Eta orain, zergatik ez gara Aitorrek aurkeztu digun jolasen batean ibiltzen?- galdetu zigun. – Oso ondo!- erantzun genuen denok. Gela hartan, ilusioa arnastu genuen egun haietan. Pozik geunden, taldea ginen, eta denok garrantzitsuak ginela sentitu genuen. Eta loreak gelara eramaten hasi ginen. Handik aurrera, loreak ikusi orduko gogoratzen nintzen jadanik inoiz ahaztuko ez dudan izenarekin: Ane. EKI ETA ILARGI Eki eta Ilargi oso desberdinak ziren. Biak bizi ziren leku berean, baina haurrak zirenean ez zuten elkar ezagutzen. Ekiri udara gustatzen zitzaion, argia, beroa. Eguzki-lorea zen bere lorerik gustukoena. Esnatzen zenean, indartsu sentitzen zen, energiaz betea. Eguna aurrera zihoan heinean, nekatzen joaten zen. Gauean goiz sartzen zen ohera; deskantsua behar izaten zuen. Ilargiri, ordea, negua gustatzen zitzaion gehien, eta horrekin batera gaua. Ohetik jaikitzerako, arratsaldea izaten zen; goizean lo egoten zen. Eguna aurrera joan ahala, geroz eta energia gehiago izaten zuen. Iluntzean, erabat esnatuta sentitzen zen, eta, gauean, animaliak lo zeudenean, ontzak bezala, esna- esna egoten zen. Ontziñe izeneko ontza zen haren lagunik onena. Leku berean bizi ziren, Ortzi izeneko herrian, baina haurrak zirenean, ez zuten elkar ezagutzen, zaila izaten baitzen inon topo egitea. Bata lo zegoenean, bestea esna-esna egoten zen, eta alderantziz. Udarako zen egun batean, Eki hondartzara joan zen. Goizean ez zen ia jenderik egoten eta hori izaten zen berarentzat momenturik gustukoena; lasai pasea zezakeen, hondarrarekin hanketan masajea hartzen zuen bitartean. Zeinen ederki sentitzen zen! Eki, bitartean, goizean, goxo- goxo lo gelditu zen. Aurreko gauean ontzarekin parrandatxoa egin zuen; basoan ibili ziren ezkutaketan jolasten. Egun hartan, aldiz, nahiz eta udara izan, eguerdi aldera lainoa sartu, eta euria egiten hasi zuen. Ze pena!- pentsatu zuen Ekik. Etxera joan beharko dut. Eki bere gauzak jasotzen hasi zen etxera joateko. Ordurako, Ilargi trumoiaren hotsarekin esnatuta zegoen. – Zer zarata da hori?- esan zuen. Trumoia zela konturatu zen; erabat esnatu zen. Ez zuen berriro lorik hartuko, ziur zegoen. Ontza ondoan zuen. Antza, hura ez zen konturatu ere egin zaratarekin. Ilargi isil- isilik atera zen etxetik buelta bat ematera. Aspaldiko partez hondartzara joatea pentsatu zuen. Iritsi zenean, jenderik ez egotea eskertu zuen; paseo bat emango zuen. Halako batean, inoiz ikusi ez zuen bezalako emakumea ikusi zuen; ederra zen, argiz betea. Zein ote zen? Harekin hitz egitera hurbildu zen: – Kaixo! Ez zaitut inoiz hemen ikusi… Nola duzu izena? Eki gauzak jasotzen bukatzen ari zen mutil hura azaldu zenean: – Kaixo! Ni Eki naiz. Hemen bizi naiz, Ortzin.- esan zion Ekik. “Zeinen argi berezia zuen mutilak…. Eta ze begiak! Zein zen mutil eder hura?”- pentsatu zuen – Ni Ilargi naiz eta ni ere Ortzin bizi naiz. Arraroa da inoiz ez ikusi izana, ez zaizu iruditzen?- esan zion Ilargik. – Ba, bai…..- erantzun zion Ekik erabat liluratuta- Gauzak jasotzen ari nintzen etxera joateko. Tamalez, euria hasi du…. – Ba ni oraintxe etorri naiz euria dagoela ikusita. Ikaragarri gustatzen zait euria dagoenean hondartzara etortzea.- erantzun zion Ilargik- Nahi baduzu, paseo bat eman dezakegu. – Paseoa euritan? Ez dut inoiz horrelakorik egin…- esan zion Ekik. – Benetan? Orain da eta momenturik onena hondartzan egoteko; jenderik ez dago, lasai- lasai egoten da.- esan zion harrituta Ilargik. – Bai, niri ere lasaitasuna gustatzen zait. Horregatik etortzen naiz goizeko lehen orduan, baina euria ez zait gustatzen.- esan zion Ekik. – Zergatik ez duzu probatzen?- proposatu zion Ilargik- Ederra da! Goazen! Ekiri hasieran ez zitzaion ideia gehiegi gustatu, baina mutil hura gehiago ezagutu nahi zuen. Zerbait berria egiteak ere erakartzen zuen. – Ados!- esan zion Ekik. Arratsalde bikaina pasa zuten biak, euritan dantzan. Egun hartatik aurrera egunero egoten hasi ziren. Ezberdinak izan arren, bata bestearentzat eginak zeudela sentitzen zuten. Ilargiri esker, Ekik euria zer den deskubritu zuen eta, Ekiri esker, Ilargik goizeko lehen orduko momentua deskubritu zuen. Maiteminduta zeuden, eta biek egiten zuten ahalegina, nekatuta egon arren, elkarrekin egoteko. Urteak pasa zituzten elkarrekin. Jada, ez ziren hasierako neska eta mutila. Haur bat izan zuten: Ilazki. Ilazki ederra zen, sentsibilitate handikoa. Eguna eta gaua zituen gustuko. Aita eta amarekin planak egiten disfrutatzen zuen. Batzuetan gauean, ezkutaketan ibiltzen ziren, baina ez oso berandu arte, ama nekatu egiten zelako. Gauean jolasten ibiltzen ez ziren egunetan, goizean esnatzen ziren hondartzara joateko. Berari berdin zitzaion udara ala negua izan; hotza eta beroa zituen gustuko. Eguraldi guztiak gozatzen zituen. Bazen, halere, gauzatxo bat Ilazki kezkatzen zuena. Azkenaldian, bere gurasoak oso nekatuta sumatzen zituen. Geroz eta gehiago kostatzen zitzaien elkarrekin egotea. Ez zuten jadanik lehen bezala ondo pasatzen elkarrekin. Ez zen ausartzen ezer galdetzen edo esaten, baina gauzak aldatzen ari ziren…. Egun batean, Ekik eta Ilargik berarekin hitz egin nahi zutela esan zioten Ilazkiri: – Ilazki, maitia. Amak eta biok daukagun egoera hobetzearren, erabaki garrantzitsu bat hartu dugu.- esan zuen aitak. Gorputzean ikaragarrizko hotza sartu zitzaion. Zein ote zen erabakia? Eta hobetu behar zuen egoera? Zeri buruz ari ziren? Nabaria zen gurasoak urduri zeudela, eta horren ondorioz, baita bera ere. – Zein egoera? Eta zein erabaki da hori?- galdetu zien Ilazkik. – Ba aitari eta niri asko kostatzen zaigu elkarrekin bizitzen jarraitzea. Niri beroa gustatzen zait, eta aitari hotza. Horretaz gain, iritzi desberdinak ditugu guretzat garrantzitsuak diren gauza askoren inguruan.- erantzun zion amak. Aitari malkoa erori zitzaion; ama ere oso hunkituta zegoen. Ilazkik ez zekien haserre edo triste edo nola zegoen… Ez zuen gehiago entzun nahi eta, ateari kolpe handia emanda, etxetik korrika alde egin zuen. Eki eta Ilargi triste zeuden. Aurreikusia zuten Ilazkiri asko kostatuko zitzaiola erabakia onartzea, baina argi zuten pauso hori eman beharrekoa zela. Ulertzen zuten Ilazkiren erreakzioa… Egun batzuk pasa ziren, baita hilabete pare bat ere, eta erabakia hartuta izan arren, Ekiri eta Ilargiri kostatu egiten zitzaien nola antolatu behar zuten erabakitzea kostatzen zitzaien. Ilazkik, bitartean, azkenean gauzak konponduko zirela pentsatu nahi izan zuen eta, ohiko moduan, bizi “normala” egiten jarraitzen saiatu zen. Halere, gurasoak geroz eta okerrago zeudela ikusten zuen. Elkarri gaizki hitz egiten zioten, hitz egiten zutenean behintzat; isiluneak geroz eta luzeagoak ziren. Hotza sentitzen zuen etxera sartzean, baina ez berari gustatzen zitzaion hotza bezalakoa: hezurrak hozten zizkion hotza zen hura. – Joango gara hondartzara paseo bat ematera?- galdetu zien behin. – Ni nekatuta nago, ez daukat joateko gogorik.- erantzun zion amak. – Nik ere ez daukat gogorik, bero handia dago eta nahiago dut etxean gelditzea.- erantzun zion aitak. Ilazki gero eta tristeago zegoen. Denbora pasa ahala, haserretu ere egin zen. “Egoera”, gurasoek esan zioten bezala, geroz eta okerragoa zen. – Nahikoa da!- esan zien haserre.- Zergatik ezin dugu lehen bezala bizi? Ilargi eta Eki zer erantzun ez zekitela gelditu ziren. Orduan, aitak etxetik joango zela esan zuen: – Denontzat hobea izango delakoan nago. Etxean egotea geroz eta zailagoa da denontzat. Baina, Ilazki, nik asko maite zaitut eta zurekin egoten jarraituko dut. Ilazkik ez zuen ondoegi ulertu aitak esandakoa. Zer esan nahi zuen etxetik joango zela? Eta nola jarraituko zuen berarekin egoten etxean biziko ez bazen? Aita etxetik joatean hutsune handia nabaritu zuen Ilazkik. Ama triste ikusten zuen, eta ikusten zuen aita, baina ez zen dagoeneko etxean bizi. Aitak eta amak egoera konpontzeko laguntza eskatu zioten Amalurrari. Galduta zeuden. Biak maite zuten Ilazki, baina elkarren arteko haserrean galtzen ziren askotan. Egun batean, Ekik, alde batetik, eta Ilargik, bestetik, Ilazkirekin hitz egin zuten: – Asko maite zaitut, Ilazki. - esan zion Ekik. – Badakit, ama.- erantzun zion. – Zaila egiten zait esan nahi dizudan guztia adieraztea. Egoera hau niretzat oso zaila da.- esan zion Ekik. – Bai, baina ez al duzu, ba, aita gehiago maiteko?- galdetu zion Ilazkik. – Zure aita asko maitatu dut. Berari esker gauza asko ikasi ditut; euriaz gozatzen, gauean ezkutaketan jolasten… Eta garrantzitsuena da gure maitasunaren ondorioz ZU jaio zinela. Zu zara nire bizitzako pertsonarik garrantzitsuena, Ilazki.- esan zion. – Baina dagoeneko ez duzu maite, ezta?- galdetu zion Ilazkik. – Ez, berak emandakoa maite dut, baina ezin naiz berarekin bizi. Asko eztabaidatzen dugu eta hori ez da ona, ez guretzat, eta ezta zuretzat ere. Beste egun batean, aitarekin zegoen bitartean, Ilazkik horrela galdetu zion: – Aita, zuk ama ez al duzu maite? – Zaila da hori erantzutea, Ilazki. Zure amarekin oso urte ederrak pasa ditut, eta berari esker goizeko beroa, eguzkia ezagutu ditut. Eta garrantzitsuena: ZU jaio zinen harreman horretatik. Zu zara niretzat pertsonarik garrantzitsuena. Ilazkik ez zuen ulertzen bera bazen pertsonarik garrantzitsuena, zergatik ez zuten elkarrekin egoteko ahalegina egiten. Denbora pasa ahala, pixkanaka, gurasoak Amalurraren laguntzarekin, erabakiak hartzen hasi ziren: Ilazkik aste bat aitarekin eta bestea amarekin pasa beharko zuen. Hasieran, antolatzeko modu hori ez zitzaion erosoa egin familiako inori. Pixkanaka, Ilazkik ulertu egin zuen aurreko elkarrizketetan aitak eta amak esan ziotena. Ama eta aita lasaiago ikusten zituen, eta berarentzat politak eta garrantzitsuak ziren momentuak konpartitzen jarraitu zuen aita eta amarekin: aitarekin zegoenean, gauaz gozatzen zuen, ontzarekin jolasten ziren; eta amarekin zegoenean, egunaz gozatzen zuen, tximeletekin jolasten ziren. Azkenean, nahiz eta mina ez erabat joan, lasaiago bizitzen ikasi zuen. Gurasoak lasaiago ikusten zituen, haien arteko tentsioak baretzen joan ziren. Ilazkik edozein zalantza edo kezka zuenean, kezka motaren arabera, aitarengana edo amarengana jotzen ikasi zuen: nola sentitzen zen adierazten ikasi zuen. AKERBELTZ Bazen nire herrian ospe handiko gizon bat. Ondo hitz egiten zuen, eta, batez ere, bazekien herriko jendearekin nola hitz egin berera erakartzeko. Herriko buruzagia zen. Ziur aski, horregatik ere, oso estimatua zen herritar askorentzat. Talde horretan zegoen ama. Hark esaten zuena oso baliagarria egiten zitzaion, eta antolatzen zituen errituetara joateko esan zidan urte askotan. Ni, interesik handirik gabe, joaten nintzen. Lagun batzuk ere joaten ziren, eta ondo pasatzen genuen. Gizonak Akerbeltz izena zuen. Geroago konturatuko nintzen, bere izenak zioen bezala, bazuela gutxik ikusten zuten alde beltza, iluna. Haurrak zituen gustuko, eta horregatik antolatzen zituen erritu- egun bereziak guretzat. Mari Domingi ere han izaten zen egun horietan. Mari Domingi goxoa zen; oso ondo kantatzen zuen. Harekin gustura egoten ginen haur guztiok. Egun batean, 11 urte nituenean, etxean aita eta amarekin nengoela, amak esan zidan herriko haurrak egun batzuk Akerbeltzekin pasako genituela basoan. Han ederki ibiliko ginela jolasean esan zidaten gurasoek. Gainera, inguruko herrietako beste haur batzuk ere joango ziren. Iritsi zen basora joateko eguna, eta han abiatu ginen lagunak eta ni Akerbeltzekin. Mari Domingi ere gurekin etorri zen. Lehenengo egunetik sumatu nuen zerbait arraroa, barruak nahasten zidan zerbait zegoela Akerbeltzengan. Hitz egiten zigunean, ez zigun begietara begiratzen, eta tarteka mehatxuak ere botatzen zizkigun: – Hemen jator ibili behar duzue. Horrela ez bada, ikusiko duzue etxera bueltatzean. Gaizki portatu zaretela esango diet zuen gurasoei eta zigortu egingo zaituztete! Denbora gehiena Mari Domingirekin pasatzen genuenez, hasieran ez ginen gehiegi kezkatu hitz horiek entzutean eta ederki ibili ginen jolasean eta Mari Domingik erakutsitako kantak abesten. Basoan bazen errekatxo bat. Egun batzuetan hara joaten ginen bainatzera. Ni nesketan zaharrenetakoa nintzen, eta dagoeneko, nahiz eta ni ez izan oso kontzientea, titi koxkorrak ateratzen hasiak ziren, eta gorputza aldatzen, emakumetzen, geroago entzun nuen bezala. Errekatxora joaten ginenean, Akerbeltz gurekin etortzen zen. Han goxo ibiltzen zen gurekin, uretan sartzen zen jolastera. Batez ere, neskekin ibiltzea zuen gustuko. Errekan geunden egun batean, niri hurbildu zitzaidan, eta konturatzerako haren esku zikinak nire titietan nituen. Begiak gorriak jarri zitzaizkion. Hotzikara izugarria sentitu nuen, lagunak lasai jolasten jarraitzen zuten bitartean. Esku haiek ipur masailetara jaitsi zituen, orduan: – Kaixo, txiki….- esan zuen begiak gorri- gorri zituela- Ederra da errekan ibiltzea, ezta, maitia? Nik zer esan ez nekiela gelditu nintzen. Bero zegoen, baina nik hotza sentitzen nuen. Ez nekien zergatik, baina ez nuen gustuko bere eskuak nire gorputzean sentitzea. Ahal nuen moduan, bere eskuetatik alde egitea lortu nuen. Ondoren, uretatik atera eta hantxe egon nintzen lagunekin, erabat mutu. – Ondo zaude?- galdetu zidan Amaiak. – Bai, lasai. Tripako min pixka bat jarri zait. Hori da dena- erantzun nion. Egun hartan, afaltzen ari ginenean, Akerbeltzen eskuak sumatu nituen nire lepoan. Ez dakit nondik atera nuen indarra, baina bakean uzteko erantzun nion, denen aurrean: – Utzi bakean!- esan nion ozenki nire buruarekin erabat harrituta. Esan eta segituan damutu nintzen hori esan izanaz. – Lotsagabe halakoa! Bururatzea ere niri horrela hitz egitea!- esan zidan oihuka- Ikusiko duzu etxera bueltatzean, zure amari esaten diodanean nola erantzun didazun!... Beldurtuta nengoen. Ez zitzaidan gustatzen inon nabarmentzea, eta gainera, Akerbeltzek amarekin hitz egin ondoren, zigortuta egon beharko nuen. Gaizki sentitu nintzen era txarrean hitz egin niolako. Egunak pasa ahala, errekara joaten ginen aldiro ikusten nituen Akerbeltzen begi gorriak. Uretan sartu orduko, niregana inguratzen zen nire gorputza ukitzera. Hura sartu aurretik, uretara zetorrela konturatzen nintzenean, uretatik ateratzen ikasi nuen. Horrelakoetan zikina sentitzen nintzen. Afaltzeko ordua ere ez zen izaten xamurragoa. Edozein momentu aprobetxatzen zuen mehatxuka hasteko: – Haur gaiztoa zara!- esaten zidan- Ikusiko duzu etxera itzultzen garenean! Isilik gelditzen nintzen. Mari Domingi zen nire atsekabeaz ohartzen zen bakarra. Gauean, nire negarrak entzuten zituen, eta goxo goxo inguratzen zitzaidan: – Akerbeltz ez da zuzen jokatzen ari zurekin, baina horrelakoa dela ulertu behar duzu. Etxera bueltatzean, dena ahaztuko zaizu - esaten zidan. Baina ez zen horrela izan. Ez nintzen ahaztu… Egunak, hilabeteak, urteak pasa ziren. Ez nion kontatu inori egun haietan nola sentitu nintzen, Errituetara joateari utzi nion, baina Akerbeltz kalean ikusten nuen bakoitzean errekatxo hartan sentitu nuen adinako hotzikara sentitu nuen urte askoan: izoztuta gelditzen nintzen; errudun sentitzen nintzen; begirada jaisten nuen, lurrera begiratu, haren begiekin topo ez egiteko. Egun batean, 25 urte inguru nituenean, ez dakit zergatik, zerbait aldatu zen: Goizean, izerditan esnatu nintzen. Ohea blai eginda zegoen, baina erabat indarberrituta sentitzen nintzen. Zerbait aldatu zen nire barnean. Arratsaldean kalera atera orduko, han ikusi nuen Akerbeltz. Norabide berean ibiltzen jarraitu ezkero, harekin topo egingo nuen. Orduan ohikoa ez zen zerbait egin nuen: begietara begiratu nion. Haren begietan koldarkeria ikusi nuen. Hura izan zen momentu hartan begirada jaitsi zuena. Indartsu sentitu nintzen; zegoeneko ez nintzen errudun sentitu. Hau da begietara begiratzen ikasi nueneko historia. Batzuen begietan koldarkeria ikusten jarraitu nuen arren, beste askotan maitasuna, adiskidetasuna eta zoriona ere ikusteko gai izan nintzen. Eta nire begietara begiratzen ere ikasi nuen, baina hori beste istorio bat da…
I Reality is something you rise above. Errealitatea gainditzen duzun zerbait da. LIZA MINELLI XX. mendearen amaieran bizitako kapitalismoaren apoteosiaren erdian, kilometro koadro eskas haiek hiriko bihotz finantzarioa bihurtu ziren. Finantza korporazio handi guztiek eskualde hartan euren kuartel nagusiak ezartzea erabaki zuten. Guztiek aldi berean. Zergatik? Auskalo. Osmosiarekin, gertutasun fisikotik erator litezkeen sinergiekin, edota emulazio sinpleenarekin lotura izan behar zuen fenomeno arrotz baten ondorioz izan behar zuen. Horrenbestez, auzoaren soslai arkitektonikoa zeharo eraldatu zen jabe berrien soslai psikologikoa –banakakoa eta taldekoa- islatze aldera. Etengabeko hazkundearen eta kapital pilaketaren profeten joran bertikalek etxe-orratzen baso batean gauzatu behar izan ziren, jakina. Garaiko arkitekto izarren baten sinadura zeraman porlan, altzairu eta beirazko zigurat haietako edozein ikusita, psikoanalista amateur batek konpentsazio mekanismo baldar baten aurrean zegoela esango zuen analisi handirik gabe. Bada, eraikin erraldoi guzti haiek bata bestearen ondoan pilatuta ikusteak hausnarketa are lotsagarriagoak eragiten zituen: finantza entitate guztiek euren egoitzen garaiera –luzera- erkatzen ari ziren, ia zeinek zeukan altuena –luzeena-. Horixe zen garai ero haietako inkontziente kolektiboaren gauzatzea. Etxe-orratzak eraiki ziren garaian, finantza konpainien arinkeria hauek normaltzat hartzen ziren, baina hamarkada gutxi batzuen buruan, XXI. mendearen behin sartuta, inork ez zituen ulertuko ezta justifikatuko ere. Nola demontre froga zitekeen Pritzker saridun arkitekto baten sinaduraren gainkostu eskergak konpainiaren etekinen gorakada ekarriko zuela? Ba al zegoen halakorik sinetsiko zuen akziodunen batzarrik? Bada garai hartan, XX. mendearen amaieran, bazegoen horrelakoak eta bi irentsiko zituenik, nahiz eta hamabost edo hogei urte geroago eromen kolektibo bat bezala soilik ulertuko bazen ere. Garaiak aldatu ziren, pertsonak aldatu ziren eta enpresak beraiek ere. Hauetako asko desagertu egin ziren munduko ekonomiak bigarren aldiz lurra jo zuenean, eta biziraun zutenek eraldatu behar izan zuten. Baina hirigunearen soslaiak berdin zirauen, etxe-orratz hantusteek bertan zirauten. Norbaitzuek –hanpatuki- “iraultza digitala” izenarekin bataiatu zuten fenomenoak, pertsonek elkarrekin harremanetan jartzeko moduak aldatu zituen, bai banan-banako mailan eta baita erakunde publikoekiko eta enpresa pribatuekiko harremanetan ere. Baina iraultza horrek ez zuen hiriguneko skylinea batere aldatu. Ehunka kilometroko distantziara harreman sexualak mantentzen ziren garai batean; lagun minak, nahiz eta egunero elkarrekin komunikatu, hilabetetan elkar ikusten ez zuten garai batean; bezeroak enpresen egoitzetara produktu eta zerbitzu eske joatearekin inork amestuko ez lukeen garai batean; planetako punta batetik bestera, eta begietara une batez ere begiratu gabe, milioidun tratuak ixten ziren garai batean, hiriguneko dorreak zutik zirauten. Eta erlauntzak balira bezala jendez lepo. Hornitzaile eta bezeroekin hartu-emanak izateko ez zen leku fisikorik behar jada, langileen presentzia fisikoa ez zen beharrezkoa ezta hauen jarduera kontrolatu eta emaitzak ebaluatzeko, baina hala ere konpainiek –hirigunean euren egoitza zeukatenak behintzat- oraindik nahiago zuten euren langile guztiak eraikin baten barruan pilatuta mantentzea. Langileen aldizkako espetxe horiek zenbat eta altuago izan, hobe, eta beti, gailurrean, koroa bat bezala, enpresaren logoa erakutsi behar zuten. Bai, enpresek, giza taldeak ziren heinean, euren psikologia propioa zeukaten, etorkizunean inork ezingo zuena ulertu. Horrela, XXI. mendean barruraino murgilduta, hiriko finantza zentroa azkenaurreko belaunaldiko etxe-orratzen bilduma batek hartua zeukan oraindik. Bertan zeuden banketxeen egoitzak, aseguru konpainienak, aholkularitzak, auditoriak, startupak, fintechak eta bestelako izen asmatu berriak ere. Baina jakina, nahiz eta monumentu goranahi haiek jendez lepo egotearen itxura bazeukaten ere, inor ez zen bertan bizi. Eguneko une ezberdinetan eta ordenan sartzen ziren pertsonak eraikin haietan; euren indarra, grina, sormena, etsipena edo haserrea deskargatzen zuten eta, ondoren, euren etxeetara itzultzen ziren egunaren beste aldi baterako. Eraikinen arteko espazioa ere ez zen aldatu mende aldaketarekin. Pertsonek, euren bilgunetara iristeko, bai lurpetik, metroan, edo bai autoz bidaiatzen zuten oraindik, hirigunearen jatorriko diseinu urbanistikoko etorbide paralelo eta elkarzut berberak baliatuz. Asfaltozko mondrian honek aldaezin zirauen, baina ez zen jada beste garai bateko klaxon, eztanda motor eta histeria leherketen pandemoniuma, eta ibilgailu elektrikoen motor herabe, xuxurlari, ia erreberentziazkoek soilik zeharkatzen zuten. Kaleen gainetik, eraikinen arteko espazioa ahitzen, drone saldo batek –trafiko berriak- hornidurak, materialak, elikagaiak, hondakinak garraiatzen zituen. Etengabe. Eta paisaia ezagun, uniforme eta zaharkitu honen erdian, hamarka pisudun eraikinen artean txertatua, edozein behatzaileren begiradak nabaritzeko moduan –eztei esnob batean senide txiro bat bezala edo ortodontzia garesti batean hortz puskatu bat bezala- beste garai bateko oroigarri bat, joandako garai iraungi batekoa, etxe-orratzen eraikuntzaren aurrekoa: hiru solairuko etxe bat, bi uretarako teilatuduna, noizbait lorategi izan behar zuen zerbaitek inguratua. Hutsik. Etxearen inguruko orubea sasiz estalitako zabortegi samingarri bat zen, nahiz eta sarrerako burdin hesian zintzilikatutako kartel inozo batek “debekatuta dago zaborrak jaurtitzea” esan –jendeak holako debekuak erronkatzat hartzen ditu-. Orubea inguratzen zuen hormaren jatorriko kolorea asmatzea ezinezkoa zen, grafitiz estalia baitzegoen. Eta grafiti hauek beste grafiti batzuez. Eta hauek beste batzuez… Etxearen beraren kanpo horman ere hainbat lelo haserre eta eskatologikoak –hitzaren esanahi bietan- irakur zitezkeen. Etxe barruan eta inguruko lursailean, azkenik, ekosistema berezi bat garatu zen, hormatik kanpokoaz ezberdina, kate trofikoaren maila ezberdinetako espezieak biltzen zituena. Hondamena, gainbehera, beste garai urrun bateko hondakina. Etxeak auzoko eraikinek beste garai batean zeukaten itxura zekarren oroimenera, hiria oraindik hiri ez zeneko garaia, edo ez behintzat geroko finantza hiriburua, auzoan oraindik jendea bizi zeneko garaia –bizi, ez soilik lan egin, egunean hogeitalau orduz, ez zortzietatik zortzietara-. Hau bezalako etxeetan sendi oso bat bizi ohi zen, bere lau, bost, sei… seme-alabekin. Eta zerbitzuarekin. Joandako sendiak, bizimoduak, hiriak, paisaiak. Begirada laster batekin soilik, etxe dekadentea eta bere inguruaren arteko kontrastea ikusitakoan, edozein behatzailek sumatuko luke zerbait gertatu behar izan zela bertan, etxe hura bere parekideak, bere garaikideak bezala desagertu ez izateko. Arrazoiren batengatik ez zuten eraitsi, bere lekuan berrogei, laurogei, ehun solairuko eraikin bat jasotzeko. Leiho itsu haiek eta zabor pila hark zerbait ezkutatzen zuten. Sarrerako burdin hesian zintzilikatuta zegoen “salmentan” zioen kartelari, “salduta” zioen itsasgarri bat erantsi berri zioten. II I´m one of those regular weird people. Pertsona bitxi arrunt horietako bat naiz ni. JANIS JOPLIN Fidelek ezagun batekin topo egin zuen supermerkatutik etxerako bidean. Ustezko ezagun batekin. Izan ere, Fidelek, kaletik agurtu zuen (ez)ezagun hura nor zen ideiarik ere ez zeukan. Supermerkatutik etxerako bidean zihoan, poltsa astunez leporaino, (ez)ezagunak zera bota zionean: “Zer Fidel, aspaldiko lagunak ez al dituk jada agurtzen ala?” Bai, Fidel oraindik erosketak supermerkatuan egiten zituen gutxi horietako bat zen; hirian gelditzen ziren hiruzpalau supermerkatuen bezero eskasetako bat, antzinako ohituren defendatzaile desideoligizatua. Ez zen sekula ohitu erosketak egiteko modu berrietara. Bere hozkailua antzinako modelo bat zen. Ez zuen inoiz smart-frigde bat erosi. Smart-frigdeak merkatura heldu zirenean erosketak egiteko moduan iraultza bat suposatu zuten. Smart-fridgeak existitzen zirenetik inor ez zen jada etxetik irteten erosketak egiteko, inork ez zuen ezta dendara edo supermerkatura deitzen jakiak enkargatzeko. Mundu guztiak etxetik, smart-fridgean, programatzen zituen erosketak. Hozkailuaren ordenagailuan etxebizitzan zenbat lagun bizi zen, zer adinetakoak eta zenbat otordu egiten ziren programatzen zen; era berean, egunean kontsumitu nahi zen kaloria kopurua -gutxienekoa edo gehienekoa- eta familiaren diru sarreren edota gasturako joeraren araberako aurrekontu bat ere programatu zitezkeen. Etxerako erosiko ziren jakietan bestelako iragazkiak sartzeko aukera ere eskaintzen zuten azken belaunaldiko hozkailu haiek, jakietan osagairen bat saihestu nahi bazen adibidez, alegia, trans-koipeak edo azukre finduari etxeko atea zabaldu nahi ez zionak agindu hori eman ahal zion hozkailuaren burmuin elektronikoari. Ez hori soilik, smart-fridgeak aginduko zuen erosketa aurreikusitako dieta jakin batzuetara egokitu zitekeen ere, horretarako aukera zerrenda luze bat eskaintzen zuelarik: beganoa, makrobiotikoa, begetarianoa, zeliakoa… Eta zerrenda luze horretan, ortorexiak jotako norbaitek edo bestelako ero batek, bere eskakizun berezitxoetara egokitzen zen dietarik aurkituko ez balu, bakoitzak bere dieta pertsonalizatua programatzeko aukera ere bazekarten smart-fridgeek. Datu guzti horiekin smart-fridgeak bere edukiak zeintzuk izan behar zuten kalkulatzen zuen eta zuzenean, Internet bidez, supermerkatuko ordenagailura agintzen zuen erosketa. Supermerkatutik etxera berehala, literalki hegan eta enkarguan adierazitako orduan, heltzen zen erosketa, drone baten bidez. Hozkailuan jakiak sartu eta ateratzerakoan, marra kodea irakurtzen zuen smart-fridgeak, eta horrela bere benetako edukia momentu bakoitzean zein zen “bazekien”. Sistema honen bidez jaki bat amaitzear noiz zegoen ere kalkulatzeko gauza zen, erosketa agindua supermerkatura berriro sasoiz bidaltzeko eta edukia, programaren arabera, etengabe mantentzeko. Hori guztia gutxi ez balitz, smart-frigde delako hozkailu azkar hauek, erosketa agindurako garaia heldu aurretik, supermerkatu ezberdinetako ordenagailuekin sarean konektatuta egonik, saltoki bakoitzaren prezioak eta eskaintzak etengabe aztertzen zituzten prezio hoberenak lortzeko, jabeak programatutako mugen barnean. Ezin erosoago ziren. Hasiera batean, dieta erabakitzerakoan edo aldatzerakoan, lan apur bat hartu behar zuen jabeak, baina handik aurrera bukatuak ziren beste garaietan hartu beharreko ardurak, egunero, astero edo hilero super edo hipermerkatuetara egin beharreko bidaia deshumanizatuak, eta bueltan kargatu beharreko zamak. Ez zen harritzekoa hortaz mundu guztiak bere elikagaien erosketa smat-fridge baten eskuetan berehala utzi izana. Eta saltoki tradizionalak desagertzea. Hipermerkatuak desagertu ziren distribuzio gune bezala. Jada ez ziren behar aparkaleku erraldoi haiek, hormigoizko irlen antzekoak, hiri inguruetako jendetza eskergak hartzeko modukoak. Ez zen beharrezkoa produktuak erakustea korridoreetako bi aldeetara zeuden linealetan, altuera ezberdinetan baina beti altura ertaineko gizaki baten eskura. Ez zen beharrezkoa, jendeak alde egin zuelako jada korridoreetatik eta orgatxoak bultzatu eta betetzeari utzi ziolako. Egungo distribuzio guneak industria nabeak ziren, publikoarentzat sarrerarik ez zeukatenak, langile gutxi batzuentzako aparkalekua besterik behar ez zutenak, eta zeinetan linealak sabairaino iristen ziren, produktuak ez zirelako bezeroaren eskura egon behar, zentroko ordenagailura iristen ziren eskariak prestatzen zituzten erroboten eskura baizik. Auzoetako supermerkatuak ere, euren korridore, lineal eta kutxekin, kontsumo ohitura berrietarako negozio eredu desegoki eta iraungi bat izanik, joandako garai bateko aztarnak bihurtu ziren, lehenago beste negozio mota ugarirekin gertatu zen bezala -bideoklubak, disko dendak, liburu dendak, zinema aretoak, estankoak-. “Aztarnak” ziren supermerkatuak, eta ez “oroimen” hutsak, oraindik bat edo beste gelditzen baitzen. Zeren, esan bezala, Fidelek eta bera bezalako beste gutxi batzuek ez baitzuten sekula smart-fridge bat erosi ezta euren erosketa ohiturak aldatu ere. Erresistente gutxi hauentzat supermerkatu gutxi eta erdi ezkutu batzuk aurki zitezkeen oraindik hirian. Ingurumena bera, supermerkatua, bitxikeria bat bilakatu bazen, logikoa zen publiko bitxi baten interesekin bat etortzea. Horrela, supermerkatu vintage edo demodé hauetako korridoreetan, Fidel bezalako neoluditez gain, bestelako hiri-tribu bitxiak biltzen ziren. Fidelek bere ohiko erosketa bidaia egiten zuen bakoitzean, pertsonaia tipo berekin gurutzatzen zen beti, hots, enkarguren bat lapurtzera sartu zen yonkiren batekin edota smart-fridge ez-ezik etxebizitza ere ez zeukan homeless batekin. Baina azken aldian erresistente eta marjinal hauei bestelako bezero mota berri bat gaineratu zitzaien: emazteak, senarrak edo gurasoek hozkailu madarikatuan programatu zioten dietari iruzurra egin nahi zion laguna. Bezero mota berri honen modus operandia hauxe zen: txakurra paseatzera edo korrika egitera aterako zirela esaten zuten etxean, eta aitzakia hori gorputzak arren eskatzen zien eta senitartekoek ukatzen zieten azukrea edo trans-koipeen betekada bat sartzeko baliatzen zuten. Beti smart-fridgeren ordenagailuan euren bekatuaren aztarnarik utzi gabe. Eta azkenik, nola ez, oraindik ere, antzinako garaietan bezala, alkohola erosi behar zuten nerabe eta gazteek supermerkatura jotzen zuten. Supermerkatura zihoan bakoitzean –astero-, beti pertsonaia berekin gurutzatzean, Fidelek beti galdetzen zion bere buruari ez ote zion merezi behingoz amore ematea, smart-fridge haietako bat erosi eta bidaia deprimigarri haiekin bukatzea. Berriz hutsetik hasteko beranduegi zela erantzuten zion bere buruari. Urte asko -gehiegi- ziren bere kabuz bizi zela, bakarrik eta era tradizionalean hornitzen, orain errutina hain sakondua aldatzen hasteko. Baina ez zen hutsetik hastea, bilakatzea baizik, bere buruak esaten zion bueltan… Behin eta berriz zalantza bera, astero, orgatxoa betetzen zuen bitartean, azkenean, beti, deus ez egiteko. Holako burutazioei bueltaka zihoan Fidel supermerkatutik etxerako bidean, agur batek berriz lurrera ekarri zuenean. – Kaixo Fidel! Aspaldiko lagunak ez al dituk agurtzen ala? Agurra alerta baten moduan heldu zitzaion. Zur eta lur, aho zabalik, harridura aurpegia ezkutatzen saiatu zen Fidel. Irribarre bat jarri nahi izan zuen baina zirkin deseroso bat besterik ez zitzaion irten. – Kaixo… Ez haut ikusi. Hau burua! Zer moduz? Denbora irabazi nahi zuen, ezezagunak hitz egin zezala, ia zantzuren bat ematen zion eta hazpegi ezezagun haiek bere burmuineko zokoren batean gordetako oroimenekin bat egiten bazuten. Horrela, ez bururik ez hankarik ez zeukan elkarrizketa hura bideratu ahalko zuen. – Zer moduz hire bizitza? Ezer berririk? Hainbeste denbora duk elkar ikusten ez genuela, hiritik alde egin huela pentsatu nuela –jarraitu zuen (ez)ezagunak-. – Ba… ezer gutxi –Fidel, larri, zalantzati-. Bazakik, gure adinean bizitzak ez dik aldaketa handirik eskaintzen, eta, dakartzanean, gaixotasunak edo sustoak izan ohi dituk –edozein egoeratan balioko lukeen edukirik gabeko erantzunak ematea nahiago zuen Fidelek-. – Hala duk! Arrazoia daukak. Leku berean bizi haiz oraindik? Erretiratu hintzen? Norbaitek kontatu zidaan. Informazio gehiegi denbora gutxian eskuratu nahi zuen (ez)ezagunak. Susmagarria zeritzon Fidelek portaera hari. Ez zen eroso sentitzen. – Bai, bai, hala duk. Pozten nauk ikusteak, baina orain presaz nabilek. Beste behin egongo gaituk eta patxadaz kontatuko diat. Hik ere ziur asko daukaala kontatzeko. Aurpegi hark ez zuen inolako argirik pizten oroimenetan eta horrek susmo txarrak areagotzen zizkion Fideli. – Tira ba. Deitu orduan, ez diat telefono zenbakiz aldatu-eta –jarraitu zuen (ez)ezagunak-. Edo mezu bat bidali sarean. Bestela, nik bidaliko diat mezua. Ez haut inoiz sarean ikusten, baina kontuak ez dituala ezabatu ikusi diat. Aio, Fidel! Gehiegi zen hura. Gehiegi Fidelentzat. Ezezagunak bere izena ezagutzea eta, antza, bere sareko kontuak ere kuxkuxean ikuskatzea. Bi aukera zeuden gertatutakoa azaltzeko, eta haietako bat ere ez zen ona, are gehiago, bata bestea baino beldurgarriago ziren. Lehenbiziko posibilitatea zera zen, ezezagun hura benetako ezezagun bat izatea, Fidelen nahasteak –edozergatik- ezagutzen zituen norbait, eta nahaste horiez baliatuz etekina atera nahi zuen norbait. Fideli bere bi ilobek, Maiak eta Taniak, bere arreba bakarraren bi alabek, behin baino gehiagotan esana zioten adineko jendearen konfiantza lortzen zuten gaizkileak zebiltzala hortik, bakarrik bizi ziren adineko pertsonen adiskide egiten omen zirenak, eta behin haien etxean sartzea lortutakoan, lapurtu, jipoitu eta hil ere egiten zituztenak. Telebistan entzuna omen zuten ilobek. Hau balitz kasua, beldurgarriena ez litzateke ezezagun haren lapurreta eta jipoietatik defendatu beharra, baizik eta ohitura geroz eta marujoagoak zituzten ilobei arrazoia eman beharra; hauen “ikusten!” eta “esan nizun!” eta antzekoak entzun beharra. Eta batez ere, bera, Fidel, “adineko” pertsona babesgabe bat zela edo horrela ikusten zutela bederen, onartu beharra. Lehenengo posibilitate hori nahiko beldurgarria ez balitz, gertakaria azal zezakeen beste aukerak hotzikarak eragiten zizkion Fideli: aurpegi ezezagun hura, noizbait Fidelen ezaguna, edo oso ezaguna ere, izandako norbaitena izatea. Hots, Fidel oharkabean oroimena galtzen ari zela. Apurka, poliki baina etengabe, Fidelen oroimenean, bere burmuinean, hutsune gero eta handiagoak zabaltzen zihoazela. Kale erdian zegoen, geldi, erosketen poltsak eskuetan. Bat-batean ohartu zen, gogoeta horietatik irten zenean. Burua astindu zuen hausnarketa haiek uxatu nahian eta etxerako bideari ekin zion lasterka, zalantzak ahalik eta azkarren argitzeko asmoarekin. Etxera heldu, atea ipurdi kolpe batez itxi, poltsak lurrera erortzen utzi eta zuzenean egongelara jo zuen. Ezbaia aldendu behar zuen. Sofan eseri gabe, kafe mahaitxoaren erdian zegoen apaingarri bati “Banago etxean” esan zion eta, berehala, aurreko horma zurian etxeko ordenagailuaren menua piztu zen. “Ongi etorri” erantzun zion ordenagailuaren ahotsak egongelako zokoetan ezkutatuta zeuden bozgorailuetatik. Sofan eserita jada, “Argazki bilduma” bota zion Fidelek apaingarriari, eta ordenagailuak, ezer esan gabe, aurreko paretan Fidelek hodeian gordeta zeuzkan argazkien karpeten zerrenda zabaldu zion, datagatik sailkatuta, berrienetatik hasita eta atzerantz, iraganerantz, “hodei” izenarekin ezaguna zen ezleku hartan argazkiak gordetzen hasi zen urruneko egunera arte. Bidaietan ateratako argazkiak zeuden, familia bileretakoak ere, eta atzerago, jada urte batzuk bazituzten karpetetan, jaietako argazkiak ere berreskuratu zituen Fidelek. Lagunekin, lagun taldearekin egindako jaietako argazkiak ziren, lagun taldeko kide guztiak etxean gordetzen eta oso noizbehinka baino besterik ez irteten hasi aurreko garaian ateratako argazkiak. Ez zuen Fidelek denboran atzera gehiegi bidaiatu karpeten zerrendari jarraituz, argazki haietako batean, kamerari so zeuden aurpegi irribarretsu talde baten erdian, (ez)ezagunaren aurpegia agertu zitzaionean. Bera zen, zalantzarik gabe, gazteago zegoen, ileren bat gehiago eta zimurren bat gutxiago zeuzkan argazkian, baina bera zen. Aldea ez zen gehiegizkoa gainera, argazkiak bi urte besterik ez baitzeuzkan. Lagunen batek festa batean aurkeztutako norbait izan behar zen (ez)ezaguna. Gauren batean elkarrekin mozkortzen ari ziren bitartean elkarri bizitza kontatu bide zioten eta geroztik ez zuten inolako harremanik izango. Bai, hori izan behar zen; izenentzako Fidelek baino memoria hobeagoa zeukan norbait besterik ez zen (ez)ezagun hura. Baina ziurtatu, baieztatu behar zuen. Hori sinetsi nahi bazuen ere, zalantzak erabat aldendu behar zituen. Eta data urrunagoko karpetak zabaltzen jarraitu zuen Fidelek. Egin ez balu, hobe. Zeren, sofan malguki batek bezala salto egin zuen aurpegia bigarrenez agertu zitzaionean. Eta hirugarren aldiz aurpegi irribarretsu bera ikustean, izerditan zegoela ohartu zen Fidel. Izerdi hotzetan blai. Karpeten datak denboran urruntzen zihoazen heinean (ez)ezagunaren aurpegia maizago agertzen joan zitzaion, azal lisoago eta ile ilunagorekin. Irribarrean bere jatorrizko hortzak erakusten. – Itzali! –Garrasi egin zion ordenagailuaren joystick-mikrofono funtzioak egiten zituen apaingarriari-. Ezin zuen beldurrezko pelikula harekin jarraitu. (Ez)ezaguna ez zen inolako ezezagunik, Fidelen bizitzan leku berezia izandako norbait baizik. Eta ez denboraren lainoek estalitako iragan urrun batean, urte batzuk lehenago baizik. Itzalitako pantailari, egongelako horma zuriari so gelditu zen Fidel. Begiak hormari so, begirada barnerantz. Zer egin behar zuen? III There is a danger in changing too much in the search of perfection. Perfkezioaren bila gehiegi aldatzean arrisku bat badago. AGNETHA FALSKOG Etxe abandonatuari zerbait gertatu zitzaion. Teilatu berri batek estaltzen zuen, ez zitzaion jada teila bakar bat ere falta; tximinia berriz zutik zegoen, leihoetan ez zegoen adreilurik, beira garbi eta gardenak baizik, eta grafitiak basamortu koloreko margo geruza batek garbitu zituen. Etxea inguratzen zuen orubetik zabortegia desagertu zen eta lorategi txukun eta zaindu bati utzi zion lekua, moketa baten antzeko soropilez eta kolore aniztun lorez apaindua. Norbaitek erosi bide zuen, eta ez hasiera batean aurreikus zitekeen asmoarekin, hots, eraitsi eta bere lekuan ingurukoen antzeko etxe-orratz bat eraikitzekoa. Ez, jabe berriak etxetxo haren bitxikeria izaera mantendu eta baliatu nahi zuen. Zergatik? Zertarako? Norentzat? Etxebizitza bezala? Familia batek joan behar zuen hara bizitzera? Nork nahi zuen bere seme-alabak bertan haztea, hiriko trafiko, zarata eta kutsaduraz inguratuta? Eta, batez ere, inguruko etxe-orratzen itzalpean? Edo negozio bat martxan jartzeko erosi eta birgaitu zuten? Zer nolako negozioari egokitzen zitzaion etxe hura? Hirigunean bertan, etxetxoaren inguruko eraikinetan, ehunka, milaka metro koadro zeuden erabili gabe, zaharberritze obretan dirua inbertitzea eskatzen ez zutenak, eta azken belaunaldiko teknologiak erabiltzeko egokituak. Zertan, hortaz, beste garaiko etxe hura aukeratu? Nondik etor lekioke etekina halako inbertsio bati? Abandonatutako etxearen itxura aldaketa ikusiko lukeen edozein behatzailek galdera berak egingo lituzke: Nork erosi zuen? Zertarako? Zer atera nahi zuen handik? Eta beste hau ere: Zergatik jabe berriak, burdinazko atearen goialdean, “The Hills” izena jarri zion etxeari? Hiru solairu zeuzkan etxe zaharberrituak eta bere sarrera nagusia ez zegoen behekoan, lehenengoan baizik. Tudor estiloko arku batek babesten zuen sarrera handiki hura, arkitektoaren edo sustatzailearen edo bien joera anglofiloak aditzera ematen zituena, eta bertaraino iristeko harrizko eskailera zeremoniatsu bat igo behar zen. Eskaileraren oinetan egun hartan lau lagun zeuden, zutik, bi mikrofonoren atzean. Egun eguzkitsu bat zen, udaren azkenetakoa, ikasturteak hasten, lanaldiak berrekiten, bizitzako helburuak berriztatzen eta antsietatea lehertzen den egun horietako bat. Haien aurrean, kazetari talde bat zirudiena, lau lagun haien azalpenak entzuteko zain-edo. Antolaketa guzti hark prentsaurreko baten itxura osoa zeukan urundik begiratuta, baina hurbildutakoan edozein behatzailek zera nabarituko zuen: entzuten, adi zegoen jende taldean guztiak ez ziren kazetari, gutxi batzuk baino besterik ez. Kazetarien ezaugarri ziren lanabesak gutxi batzuei besterik ez zitzaizkien nabaritzen. Gutxi batzuek besterik ez zeramaten erreportari profesionalek eraman ohi zuten argazki kamera. Eta gutxi hauei soilik nabaritzen zitzaien grabagailuaren mikrofonoa belarrian. Zer ziren orduan beste guztiak? Kaleko jendea? Etxe haren jabe berria nor ote zen jakin nahi zuen jende arrunta? Ez, ezin zitekeen hori izan erantzuna. Euren aisialdian horrelako aktibitateak egiten zituen jendea -ganorarik gabeko ekitaldi bateko publikoa loditu edo obra batean sudurra sartu- populazio ez-aktiboko taldeak izan ohi ziren, jubilatuak batik-bat; eta The Hills aurrean bildu zen taldean gazte ziren guztiak eta lanerako jantzita zihoazen –trajez-. Bai gizonezkoak eta baita emakumezkoak ere. Ez zen lanera joan behar ez duen langabe edo jubilatu baten eguneroko janzkera. Eta… zergatik egiten zuten guztiek irribarre? Zergatik begiratzen zioten etxe aurrean hitz egitera zihoan lagunari profeta bat balitz bezala, guraso batek seme-alaben bizitzak salbatu dituen heroiari begiratzean jarriko lituzkeen begiekin? Aldi berean, tropel erdian sartuta zeuden benetako kazetari gutxien jarrerak ez zeukan inolako zerikusirik aurrekoenekin: belarrian atximurka eginez grabagailua martxan jarri, bekokia tente mantendu argazkiak ondo enkoadratzeko eta aurpegietan erresignazio laborala. Besterik ez. Jarrera bien arteko aldea nahikoa litzateke edozein behatzailek tableau vivant haren esanahia ulertzeko: trajedun entzuleak hizlarien, edo haietako baten, langileak –morroiak- ziren. Hizlariak kazetariekin nahastu zitezela agindu zien, publikoa gizentzeko, eta aldi berean, kazetariek ingurumen “sano”, “positibo”, “baikor” bat sumatzeko. Kazetariak profesionalak ez balira eta mota horietako trikimailutara ohituta ez baleude bezala! Eskaileraren oinetan zutik zeuden lau pertsonetako bat –bi gizonetako bat- hitz egiten hasi zen. -Egun on jaun-andreak. Milesker gurekin gaur hemen egoteagatik. Goiz eder honetan bildu gara hemen, gure hiriko gizarte zerbitzuen eskaintza zabalduko duen proiektu berri hau inauguratzeko eta jendarteari eskaini eta ezagutzera emateko. Ni, gure hiri honen udalaren Gizarte Arazoetarako Zinegotzi bezala, harro sentitzen naiz hau bezalako proiektu berritzaile bat gure hirian agertu izanagatik; gizartean agertzen doazen beharrizan berriei erantzun egokia ematen badakigula baieztatzera baitator gaurko inaugurazioak, orain arte ezkutuan edo oharkabean gure inguruan geneuzkan gizarte arazo eta beharrizanak modu egokian artatzen badakigula. Txaloak. Txalo beroak. Txalo entusiastak. Entzundakoak eduki transzendenteren bat, edukiren bat, izan balu bezala. Trajedunen soldataren barruan nagusiaren hitzei txalo edota irribarre egitea zegoen, agidanez. – Eskerrik asko. Orain, Gizarte Arazoen Kontseilariari lagako diot hitza. Txalo gehiago. Txalo gehiago? – Eskerrik asko –alboko andre ilehoriak, dotoreak, kontseilaria omen zenak, txaloak berarentzat zirela suposatu zuen-. Zinegotzi jaunak esan bezala, beharrizan berriek konponbide berriak eskatzen dituzte, eta “The Hills” proiektu berri hau horren adibide ezin hobea da. Gay jendeak, zahartzarora heltzerakoan, familia ez izanik gehienetan, adinekoentzako egoitza batera jo behar du. Bizitza osoan, nerabezarotik edo haurtzarotik ere hasita, gizartearen aurreiritziekin borrokatu ondoren, bazterkeriari aurka egin ondoren, eta aurrera atera ondoren, garaile atera ondoren, adin nagusira heltzerakoan, berriz hasierako puntura bueltan aurkitzen dira. Euren bizimoduarekin inolako zerikusirik ez daukan talde itxi batean murgilduta aurkitzen dira, euren portaerak edo ohiturak ulertzen ez dituen jendez inguratuta, eta kasu askotan berriro ere bazterkeria eta indarkeria nozitzen. Gainera, bere burua defendatzeko indar, buru argi eta posibilitate gutxiago dauzkaten adin batean. Askatasuna eta zoriontasuna lortzearren bizitza osoan borrokatu ondoren, berriz isiltasunera, sentimenduen eta iritzien klaustrofobiara itzultzera behartuta aurkitu izan dira. Orain arte. Bada, egoera hori, egoera bidegabe onartezin hori, The Hills bezalako proiektuekin bukatutzat eman dezakegu, zorionez! The Hills da gure hirian gizonezko gay jendeari zuzenduta zabalduko den lehenbiziko egoitza. Hemen, orain gauden etxe honetan, adineko gayek behar dituzten zerbitzu guztiak eskura izango dituzte, eta aldi berean ez dituzte euren ohiturak aldatu beharko, ezta sentimendu edo portaerak ezkutatu beharko. Txaloak. Berriz ere. Oraingoan txalotutako hitzek zentzu eta eduki bat izan zuten bederen. Kontseilari andreak buruarekin eskertu zituen txaloak eta jarraitu zuen. – Hau esanda, proiektu berritzaile eta aldi berean solidario eta itxaropentsu hau aurrera ateratzen ahalegintzen ari den bikotea aurkeztu nahi dizuet. Sinesten zuten proiektu batean euren dirua inbertituz, euren ondarea arriskatuz, gaur The Hillsek bere ateak zabaltzea posible egin duten ekintzaileak ezagutuko dituzue. Zeren, orain arte esandakoaz gain, The Hills proiektuari zor diogun beste zorion bero bat, ekimen pribatuaren emaitza izateagatik da. Zeren, The Hillsen eredua, gure lurralde gobernuaren gizarte zerbitzuetarako politika ereduarekin bat dator: jendartearen beharrizanak ahalik hoberen asebetetzeko ekimena jendarte zibiletik sortu behar da, kapital pribatuaren esfortzuaz eta etekin pribatuaren kinadarekin; ez erakunde publikoetatik eta zerga nahiz aurrekontu publikoen finantzaketarekin. Txaloak. Txaloak? Orain ere? Zertara zeuden bada kazetariak? Ez zeukaten kontseilariari egiteko galderarik, ala? Haietako bati ere ez zitzaion otu halako zerbait galdetzea? “Gizarte arazoak kapital pribatuak asebete behar baditu, eta ez aurrekontu eta erakunde publikoek, orduan, zein da zure eginkizuna? Zeren ordainean jasotzen duzu zuk soldata publiko bat hilero?” Edo beste honelako zerbait: “Ekimen pribatuak gizartearen beharrak ekimen publikoak baino hobeto artatzen dituela esateak eta ziurtzat emateak, ez al du esan nahi zure baliogabetasuna aitortzen ari zarela, zure lana behar bezala egiten ez dakizula? Hortaz, ez zenuke hobe dimititzea?” Eta edozeren gainetik -edo aurretik-: “Gizarte arazoak behar bezala konpontzeko bidea etekin pribatua baldin bada, zer gertatzen da definizioz etekinik eman ezin ditzaketen arazoekin?” Baina ez, ez zen galderarik entzun, ez zen besorik altxa galdera egiteko baimena eskatzeko. Kazetariek, grabatu eta argazkiak atera besterik ez zuten egiten. Ohituak zeuden galderarik gabeko prentsaurrekoetara joaten. Ohituegiak. – Eskerrik asko! –Ekintzaile pribatuetako bat omen zenak, etxe abandonatua erosi eta The Hills egoitzan bihurtu zuten bikoteko gizonezkoak, txaloak berari zuzendutakoak zirela suposatu zuen ere, nahiz eta oraindik hitzik esan ez bazuen ere.- The Hills egoitzak eskainiko duen zerbitzuaren berezitasuna Kontseilari andrearen hitzetan entzuteko aukera izan duzue. Eta egia da, negozio bat da The Hills, ez gara filantropoak, etekinak lortu nahi ditugu, merkatuan zegoen eskaera asegabe bati erantzuna emanez, eskaintzaren hutsune bat betez. Baina negozioaren xehetasunez gain, hemen orain hedabideei hitz egiteko daukadan abagune hau aprobetxatu nahi dut harago doan zerbait kontatzeko, egun inork gogoratzen ez duen istorio bat, baina The Hillsek bere inauguraziotik erakutsiko duen izaera eta pertsonalitatea ulertzeko funtsezkoa dena. Bitxikeria huts bat bezala uler liteke kontatzera noan istorioa, kasualitateak eragindako anekdota bat bezala, baina ziur zuek ere The Hills bezalako negozio baten aurpegi gizatiar eta hunkigarria bertan islatuta ikusiko duzuela. The Hillsen kokapenaz ari naiz. Zergatik hemen? Zergatik hainbeste urtetan abandonatuta, hutsik, ezagutu duzuen etxe honetan? Ez litzateke hobe izango hirigunetik kanpoko etxeren bat, kutsaduratik urrun, larrez eta aire garbiz inguratutako bat? Zer eskaini diezaioke etxe honek, inguru honek, adineko gay bati? Ziur, inguru honetatik igarotzean, behin baino gehiagotan zuen buruari galdetu diezuela zergatik egon ote den hutsik etxe hau hainbeste urtetan; zergatik, hirigunean lurzoruaren prezioak zuziri bat bezala igotzen ari ziren bitartean, etxe honen jabeek ez zuten orubea saldu; zergatik orain leku honetan etxetxo bat dagoen eta ez inguruko etxe-orratzen antzeko bat. Etxearen historia kontatuko dizuet eta ondoren, ziur, nirekin ados egongo zaretena The Hillsentzat kokaleku hobeagorik ezin daitekeela aurkitu. XX. mendearen hasieran eraiki zen etxe hau. Garai hartan auzo honetan eraiki ziren etxebizitza guztiak bezala, altzairu industriarekin aberastutako familia baten ekimena izan zen. Altzairugintza enpresaren sortzaile eta etxe honen eraikitzaile izan zen patriarkaren jatorrizko asmoa zera izan zen, bien jabetza, enpresarena eta etxearena, gurasoen eskutik seme nagusienera igaro zedila belaunaldiz belaunaldi. Baina jatorrizko asmo hori testamentuan formalki adierazi bazuen ere, horrek suposatzen duen indar exekutibo guztiarekin, familiaren etxeari, honako etxe honi zegokion aldetik, birritan soilik gertatu zen errealitatean. Zeren, lehenengo jabearen seme nagusiak, lehenengo oinordekoak, seme bakarra izan zuen, eta bigarren oinordeko hau ez zen sekula ezkondu ezta seme-alabarik izan ere. Bigarren oinordeko hau Marko Aurelio izenarekin bataiatu zuten, Erromatar Inperioko izendegia errepikatzeko bere aititak familian ezarri zuen ohiturari jarraituz, baina beti mundu guztiak Marko izenarekin ezagutu zuen. Bada, Markok ez zuen inoiz familiaren enpresa gidatzeko inolako bokaziorik erakutsi. Bere izpiritua “bohemioa” zela esan genezake, ez burgesa. Horrela, bere aita zendutakoan, etxea eta enpresa jarauntsi zituenean, osaba-izeba eta lehengusu-lehengusinekin tratu batera iritsi zen. Akordioa idazterakoan, sinatzaileen izenen zerrendak, suposa dezakezuenez, Suetonioren idazlanetako dramatis personae zirudien –Klaudio, Libia, Antonino…-. Bai, idatziz egin zuten tratua eta notario baten aurrean, zeren, nahiz eta bohemioa izan, bere munduan gauzak nola egin behar ziren ondo ikasia baitzeukan Markok. Enpresaren zuzendaritzari uko egin zion -ez akzioei-, eta enpresaren kudeaketan eta erabakietan ez zuela eskua sartuko agindu zuen, baldin eta haiek -osaba, izeba eta lehengusu-lehengusinek-, eta haien oinordekoek ere, familiaren etxearekiko ustezko eskubideren bat aldarrikatzeari uko egiten bazioten. Betirako. Tratua laster erabaki zen, behar bezala kudeatutako enpresak eman zitzakeen etekinak etxearenak baino askoz handiagoak aurreikusten baitziren, proportziorik gabe. Gainera, enpresaren zuzendaritzak lehengusu-lehengusina guztientzat eta hauen oinordekoentzat lanpostu goxoak bermatzen zituen. XX. mendeko 60ko hamarkadaren bukaeran gertatu zen hau. Eta handik aurrera, akordio historiko haren ondorengo urteetan, etxe hau hiriko “artisten” edo artista izan nahi zutenen elkargune eta aterpe bihurtu zen, hiriko zirkulu bohemioen erreferentzia. Markok, familia inperio baten oinordeko unibertsala bilakatu eta horren zatirik burgesenari uko egin baino lehen, Londresen eginak zituen arte ikasketak, eta “Swinging London” zenekoa zuzenean ezagutu zuen. Eddie Sedwigen beraren lagun egin zela kontatzen zuen, Londresen ikasten egon zenean. Eta honekin New Yorkera bidaiatu zuenean Warholen “The Factory”-ren hasierako egunak eta egun emankorrenak ezagutu zituela. Guzti honetaz inork ez daki ziur zer den egia eta zer Markok, hirira itzulitakoan, bere lagunak harritzeko asmatutako edo ederturiko gezurra. Edonola, Markoren asmoa irakiten zegoen giro sortzaile eta ludiko hura gure hirira ekartzea zen; gure hiri hau, orduan, garaiko korronte kulturalak oraindik inportatu ez zituen hiri gris eta kontserbadore bat baitzen. Andy Warholen “The Factory”-ren antzeko zerbait antolatu nahi zuen Markok bere jaioterrian, bere jatorrian eta bere etxean. Asmo inozoa zen hura, zeren, suposatzekoa denez, Markok bere bidean aurkitu zituen “artista” haiek ez zeukaten gure mezenasek bere irudimenean kontzebitutako egitasmoaren antzeko zerbait garatzeko talenturik, ezta urrundik ere. Aitzitik, kolektibo hartara apurka gehituz joan ziren lagun guztiek, salbuespenik gabe, une oro ondo pasatzeko eta etengabeko jai batean murgilduta bizitzeko talentu paregabea erakutsi zuten. Besterik ez. Hortaz, urte haietan sabai hau ez zen burmuin sortzaileen arragoa baten aterpe izan, baina bai etengabeko ospakizun batena, ordutegi, epe edo iraungitze datarik gabekoa. Lehengusuen kudeaketari esker Markoren akzioek lortzen zituzten etekin oparoek, eta honen eskuzabaltasun burugabeak, jaia mantendu zuten. Hirurogeita hamarretako jai bat izan zen, hirurogeietara sasoiz iritsi ez zen hiri batean, eta horrenbestez, drogetan mela egindako jai bat. Ez zituzten drogak kontsumitzen, haiekin “esperimentatu” baizik, eskura zeuzkaten guztiekin, heroina eta LSDarekin batez ere; eta drogak hartzea esperientzia “sortzaile” edo “artistikotzat” zeukaten. Ez hori soilik, sexu librearen jaiak ere baziren, sexua ere esperientzia askatzaile eta sortzailea baitzen orduan. Horren ondoren etorri zena guztiok badakigu dagoeneko. Laurogeiko hamarkadaren hasierarekin batera jaia bukatu zen, bat-batean, jainko edo patu edo auskalo zer edo nor sakonki moralista –hitzaren zentzurik txarrenean- baten erabakiz. Zuetako batzuek suposatuko zenuten, baina orain baieztatzen dizuet: Marko, garai hartan, ezkondurik ez egoteak eta seme-alabarik ez edukitzeak uste duzuena esan nahi zuen. Bai, homosexuala zen Marko. Eta munduan zehar, Londres zein New Yorken, ezagutu zituen gizonezko gay komunitateen bizimoduak hirira inportatzen aurrelaria izan bazen, aipatutako patu moralista horrek talde hauentzat gordeta zeukan gaixotasun bidegabea harrapatzen ere aurrelaria izan zen. Laurogeiko hamarkadaren lehen erdialde hartan Marko HIESaz gaixotu zen, sendaezineko gaixotasun beldurgarri eta ezezagun bat zenean. Jaia bukatu zen, esan bezala. Izurritea Markoren lagunen artean, etxe honetan biltzen zen taldean, ere zabaldu zen. Abiadura ikaragarrian. Izurritearen hasierako urte haietan, beldurrak eta ezjakintasunak bultzatuta, haietako asko euren etxeetatik ere bota zituzten, bai etxebizitza alokatzen zien jabeak, bai alokairua partekatzen zuten bizilagunek ere, kutsatzeko beldurragatik. Eta, ikaragarriena dena, kasu askotan familiarekin bizi zirenak ere kale gorrian jarri zituzten gurasoek edo anaia-arrebek. Eta egoera hau nahiko lazgarria ez balitz, gaixotasunaren jatorria eta transmititzeko bideak ezezagunak ziren urte haietan, gaixoek ospitaletan onartuak izateko arazoak izan zituzten ere. Azkenik, beldurra eta ezjakintasuna lotzen diren bakoitzean bezala, gorrotoa agertu zen, eta hirurak batera gaixotasuna bera baino azkarrago zabaldu ziren, eta botere hilgarri handiagorekin: HIESa homosexualen gaixotasun bat bezala ulertzen zen, homosexualek ekarritakoa eta homosexualek kutsatzen zutena, eta, ondorioz, gaixorik ez zeuden gay ugari ere, gay izateagatik soilik, euren etxeetatik bota zituzten. Markok, gaixorik jada, berea zen etxe honen ateak zabaldu zizkien kaleratutako guztiei eta haientzako anaitasunezko aterpe bero bat bihurtu zuen. Bai gaixo egoteagatik edo bai bere sexu joeraren inguruko susmo huts batzuengatik kale gorrian, babes gabe, etxerik edota dirurik gabe geldituko zen edozein mutil edo gizon gayk hemen aurkituko zituen sabai, lastaira eta janaria. Enpresaren akzioen etekinak nahikoak ziren behar beste mediku, zaindari, garbitzaile, sukaldari, eta zerbitzari ordaintzeko. Eta bere familiaren usadioetatik uko egin ez zion bakarrari jarraituz, hots, borondatearen egintza guztiak notario baten aurrean idatziz argi eta garbi adieraztekoari, Markok, bere amaiera gertu zegoela eta izurritea baino lehenago desagertuko zela igarri zuenean, bere testamentuan idatzita utzi zuen horiek izan beharko zutela bere ondare eta errenten xedea eta funtzioa, bere heriotzaren ondoren ere. Fundazio bat sortu zuen Markok, alegia, bere ondareari –etxeari eta akzioei- xede bat jarri zion bera egongo ez zen momenturako: HIESak eta beldur eta gorrotozko izurriteak jotako gaixoak artatzeko erabili beharko zen bere dirua. Fundazioaren kudeaketa gaixoen beraien eskuetan geratuko zen, harik eta lan horiek egiteko egoeran zeuden bitartean. Markok bazekien horrela, zoritxarrez, kudeatzaileak etengabe berritzen joan beharko zirela, eta hauek, kasu askotan, ez zirela kontuak aztertzeko edo erabakiak hartzeko behar bezala prestatuta edo egoera fisiko nahiz psikiko hoberenean egongo, baina fundazioaren funtsak behar bezala erabiltzen zirela ziurtatzeko modu hoberena zela sinetsi zuen. Arriskutsu ikusten zuen fundazioaren dirua kudeatzaile profesional baten eskuetan jartzea, honek bere osasuna edota biziraupena baldintzatuta ez bazeuzkan. Hemengo etxe honi zegokionez ere, Markok bere testamentuan argi utzi zuen zein izan beharko zuen bere erabilera, eta Jabegoaren Errejistroan inskribatu zuen murrizketa hau publikoa izan zedin: etorkizunean etxe hau HIES gaixoen etxebizitza –aterpe, babesleku- bezala soilik erabili ahalko zen. Diruak betirako iraungo ez zuela aurreikusiz ezarri zuen murrizketa hau Markok. Behin dirua bukatuta, fundazioa, gaixoak, etxea saldu beharrean aurkituko balira ere, kale gorrian berriz sekula egongo ez zirela ziurtatzen zuen horrela. Hurrengo urteetan, jaia eta algararen etxea izandakoa doluz eta oinazez gainezka bete zen. Dozenaka lagun hil ziren hemen, hori bai, Markoren ondareak permititzen zuen zaintza hoberena jasota. Baina itxaropenik gabe. -Zuen baimenarekin, ondoren zer gertatu zen, nik kontatuko dizuet –etxe aurrean zegoen laugarren lagunak, beste andre batek, hitz egin zuen, The Hills egoitzaren beste ekintzailea omen zenak-. Dolua eta oinazea, zorionez, amaitu ziren. 1996. urtean terapia hirukoitza izenekoa aurkeztu zioten adituek munduari. HIESak tratamendua bazeukala esan nahi zuen horrek. Handik aurrera, HIESa ez zen sendatuko, baina gaixotasun kroniko bat izango zen eta ez halabeharrez hilgarria. Etxe honetan, ohean etzanda, heriotza ia ziur baten zain zeuden gaixoek, bat-batean, ohetik jaiki ahal izan ziren, Lazaro bezala, eta bizitzara itzuli. Edo hobe esanda, bizitza berri bat hasteko aukera izan zuten. Hala ere, etxea ez zen egun batetik bestera hustu, gaixo ugari bizi izan baitzen hemen oraindik urte askotan. Terapia hirukoitza erabiltzen hasi zenean, gaixoetako askok euren sistema immunitarioak oso kaltetuak zeuzkaten eta infekzio oportunistek oraindik heriotza ugari ekarriko zuten, baita etxe honetan ere. Baina, apurka, urteen joanean, etxe hau gaixorik gabe gelditu zen. Eta zaintzaileek beste lan berri bat bilatu behar izan zuten. Bitartean, 80 eta 90eko hamarkaden ekonomia garapenak bultzatuta, hau bezalako etxeak, ordura arte inguru honetako paisaian ohikoak zirenak, desagertuz joan ziren hirigunetik. Jabeek prezio astronomikoetan saldu zituzten eta hirigunetik urrun, aberatsentzat eraikitako auzo berrietara bizitzera joan ziren. Haien lekuan, orain inguratzen gaituzten eta itzala ematen diguten etxe-orratzak eraiki ziren. Konpainia handiek auzo honetan ezarri zituzten euren egoitzak eta bizilagunek alde egin zuten. Baina hemengo etxe hau bizilagunez –gaixoez- hustu zenerako, eta salgai jarri zitekeenerako, Markoren testamentuak oraindik indarrean zirauen balizko erosle bati murrizketak jartzeko. Lehenago aipatu dugun testamentuaren xedapenak zera zioen zehazki, etxe hau “dirurik gabe, etxerik gabe, gaixorik, laguntza beharrean edo bestelako premiazko egoera larritan edo babesik gabe zeuden gayen bizilekua” izan zitekeela soilik. Jakina, honen antzeko orubeengatik dirutza eskergak ordaintzen zituzten higiezinen enpresak oso bestelako asmoak zeuzkaten, eta ez zeuden holako arauak betetzeko prest. Ingurukoak bezalako etxe-orratz bat eraiki eta solairuak banketxe, aseguru konpainia eta bestelako enpresei saldu ezingo zituztela jakiten zutenean, atzera egiten zuten erosleek. Eta horrela etxea urte luzetan degradatzen joan zen, atean “Salgai” kartela zintzilik zeukala, hemendik noizbait igaro zaretenok ikusiko zenuten bezala. Gu, Alain Mora nire bazkidea eta ni neu, Elene Arias, agertu garen arte. Nik holako zerbait esatea harrokeriatzat har liteke, baina benetan apaltasun osoz diot: Gure ideia, gure enpresa proiektua, Markok bere testamentua idaztean bilatzen zuen helburuarekin bat dator, bete-betean. Eta horrela ulertu zuten fundaziotik gelditzen ziren aztarnen arduradunek gure eskaintza aurkeztu genienean, eta baita salmenta onartu zuen notarioak ere. Txaloak. Ez oso entusiastak, oraingoan ez baitzen nagusia hitz egin zuena. Eta galdera bat. Bai, oraingoan kazetari batek besoa altxatu zuen, arrazoi berberagatik beharbada, hau da, hitz egin berri zuena ez zelako politikari bat. – Eta izena? Zer dela eta aukeratu duzue “The Hills” izena? Zuen bion hitzaldian ez da inondik ere muinorik aipatzen, eta gure hiria lautada batean dago. Emakumezkoak, Elene Ariasek, erantzun zuen: – Arrazoi duzu, kontatu berri dugun istorio luze osoak ez du azaltzen zergatik gure egoitza hau “The Hills” deitu dugun. Gure erabakia izan da, Alainena eta biona, eta ez dauka inolako zerikusirik etxearen historiarekin, aurrerantzean izango dituen biztanleekin baizik. Ez Alain ezta ni ere ez gara homosexualak, ez daukagu gay kulturaren ezagutza berezirik; baina enpresariak, ekintzaileak garen neurrian, gure proiektuaren targeta ikertu behar dugu, gure balizko bezeroei ahalik eta hoberen egokitzen zaizkien zerbitzuak eskaintzeko. Eta ikerketa horretatik, beste gauza askoren artean, gayek Julie Andrews aktore eta abeslaria itsuki miresten dutela jakin dugu, eta bereziki “The Sound of Music” bere filma. Eta hortik izena, film horretako abesti ezagunenetako batek “The Hills Are Alive With The Sound of Music” baitio. Gure bezeroei keinu bat da, konplizitatezko keinu bat. Gayek beraiei zuzendutako zerbaitez ari garela igarriko dute, izena entzutearekin soilik. Bukatzerakoan irribarre egin zuen Arias andreak, bular gainean eskuak gurutzatuta zeuzkala, bihurrikeria batean harrapatutako haur batek egingo lukeen bezala. Entzule batek ere ez zuen txalorik egin oraingoan. IV You don´t get older, you get better. Ez zara zahartzen, hobetzen zara. SHIRLEY BASSEY – Osaba, zuk ez duzu mota horretako egoitzarik behar! – Mila bider errepikatu dizugu gurekin bizitzera etor zaitezkeela. Fidelen ilobak ziren, Maia eta Tania, Fidelen arreba bakarraren alabak. Nondik atera ote zituzten etxekoandreen esaera eta portaera haiek? Jaiotzatik ezagutzen bazituen ere, halako txorakeriak botatzen zizkiotenean Fidelek ez zituen ulertzen. Neskatila azkarrak izan ziren, munduari jakin-nahiaz begiratzen ziotenak. Ikasketak egin zituzten eta unibertsitatera joanak ziren ere, Maia Enpresen Kudeaketa eta Zuzendaritzan graduatua zen eta Tania Soziologian. Ikasketak amaitutakoan Maia aeronautika enpresa baten salmenten alorrean lanean hasi zen. Planetako zoko guztietako bezeroekin negoziatzen eta ixten zituen kontratuak, bere ama-hizkuntza ez ziren hizkuntza ezberdinetan. Tania, bere partez, inkesta eta iritzi-azterketak egiten zituen enpresa batek kontratatu zuen, bere bezeroen artean hedabide eta erakunde garrantzitsuak zeuzkana, baita gobernua bera ere. Nerabezaroan eta gaztaroan, Fidelek ikusitakoagatik eta kontatzen ziotenagatik -Fidel ahizpa bien konfidentea izan baitzen betidanik-, harreman normalak, sanoak izan zituzten beti mutilekin; ez ziren beste sexuari, orokorrean eta aurretik, beldurra, gorrotoa edo miresmena dioten horietakoak. Guzti horregatik ulergaitza zen Fidelentzat bere garaiko bi emakume haiek ezkondutakoan esperimentatu zuten mutazioa. Ahizpak, batez ere antzeko adina daukatenean, normalean elkarrengandik oso ezberdinak eta guztiz kontrajarriak ere izaten direla esan ohi da, baina Maia eta Taniaren kasuan bien bilakaera ezin paraleloagoa izan zen. Hasteko, zergatik ezkondu ziren –biak-? Zein bizitza-helburu asebete nahi zuten ezkontzearekin? Eta ezkontzeko erabakia berez nahiko bitxia ez balitz, zergatik erabaki zuten bi tipo haiekin zehazki ezkontzea? Zergatik aukeratu zituzten -biek!- beraiena baino adimen murritz edo eskaseko senarrak? Fidelek bere iloben senargaiak ezagutu zituenean, eta Christian, Maiaren senarra izango zena, frankiziadun higiezinen agentzia bateko komertziala zela jakin zuenean, eta Jonathan, Taniarena, polizia zela, ez zuen esnob izan nahi eta bere aurreiritziak ezkutatu zituen. Azken finean lan merkatua ez zegoen bere unerik hoberenean eta mundu guztiaren bizitzan badago lanbidea baino alderdi interesgarri eta aberatsagorik. Baina haiekin izan zuen lehenbiziko elkarrizketan, haietako batek neguko fitxaketei buruz hitz egin zuenean eta besteak autoa margotu berri zuela eta aseguruak ordaindu ziola azaldu zuenean, Fidelek bere buruari ezarri nahi izan zizkion itxaropen eskasak lausotu ziren. Ez hori bakarrik: xelebrekeria erabatekoa izateko, Elizatik eta zuriz jantzita ezkondu ziren! Biak! Oraindik ikusi beharrekoak! Baina ez zen horretan gelditu iloben gainbehera, ez, guzti hori amildegirako lehen urratsa besterik ez zen izan. Senarrekin elkarbizitzen hasi zirenean, Fidelek ziurtzat eman zuen bere iloben etxeetan etxeko lanak senar eta emazteen artean erdibana partekatuko zirela, beste posibilitaterik ez zitzaiola haien belaunaldiko inori burutik pasako. Bada, ez. Fidelen harridurarako, bisitan joaten zitzaien bakoitzean mahaia jarri, zerbitzatu eta batu, beti Maiak edo Taniak egiten zuten. Fidelek, holakoak ikustean, beste garai, beste kultura edo beste planetako portaera haiekin ea lotsatzen ez ote ziren galdetzen zien iloben senarrei, baina hauek ustez barregarria izan behar zuen txiste batekin erantzuten zioten. Beste barik. Bai Maia eta bai Tania, biak batera, lehenbiziko aldiz haurdun gelditu zirenean argi ikusi zuen Fidelek: bere ilobek Frankismoaren garaiko “Emakume ezkondu perfektuaren eskuliburua”-ko protagonista bilakatzeko erabakia hartua zuten. Haurdun geratu eta, honetan ere biak bat etorri ziren, euren lanpostuak utzi zituzten seme-alabak zaintzeko. Txundituta gelditu zen Fidel hasiera batean erabaki hau kontatu ziotenean, baina ez zien ezer esan. Ongi pentsatuta, beharbada, oraingoan arrazoia ez ote zuten galdetzen baitzion bere buruari. Zeren, ziur egon zitekeen Fidel bere ilobak baino aurrerakoiagoa zela pentsatzen zuenean? Ziur bera zela aurrerakoia, modernoa eta Maia eta Tania kontserbadore edo atzerakoiak? Ez ote zen alderantziz izango? Alegia, Maia eta Tania ez ote ziren izango Fidelek uler ezin zezakeen postfeminismo baten ordezkari? Bere iloben balizko ideologia horretan gizonak, senarrak, ugalketarako eta seme-alaben janaria etxera ekartzeko tresna hutsak besterik ez ziren, beharbada. Gizonak instrumentalizatzen zituen ideologia postpatriarkal bat -nolabait deitzearren- praktikan jartzen ez ote ziren ibiliko ilobak, galdetzen zion Fidelek bere buruari. Horregatik aukeratu bide zituzten senar bezala -eta seme-alaben aita bezala- arlote pare hura. Senar azkar, adimentsu eta kultuago batzuek, haiek biek esku artean zerabilten jokoa antzeman zezaketen-eta. Bestelako azalpenik ez zuen aurkitzen Fidelek iloben atzerako bilakaera hura ulertzeko. Bestalde, ilobek izan zuten ama ezaguturik, aurreikustekoa zen hazterakoan nahiko nahastuta ibiliko zirela. Iloben aldaketa honen arrazoia Fidelek beti bere arrebaren, haien amaren, portaeran aurkitu zuen. Judit, nesken ama, gazte alargundu zen, Maia eta Tania unibertsitatean zeudenenean bihotzekoak eman baitzion haien aitari. Orduan, bere adineko emazte alargun batengandik gizarteak espero zituen dolu errito guztiak bete ondoren, alabak euren kasa bizitzeko gauza bazirela nabarituta, goitik behera aldatu zuen bizimoduz Juditek. Bizitza osoan egin nahi izan zituenak, eta emazte, ama eta etxekoandreren eginbeharrek utzi ez zizkiotenak, egiteko abagunea aurkeztu zitzaiola ikusi zuen. Eta ez zuen alferrik galduko. Munduan zehar bidaiatzeari ekin zion. Aldi berean, amak egiteari utzi zizkionak egiten hasi ziren Maia eta Tania, hala nola, etxea zaindu, familia -Fidel- zaindu, bizilagunen inguruko eta gizarte osoaren gaineko iruzkin kontserbadore eta moralistak landu eta adierazi... Psikologoek konpentsazio mekanismoa deitzen diotenaren edo antzeko zerbaiten aurrean zegoela uste zuen Fidelek: Amak hutsik utzitako lekua edo amak, haien ustean, bete behar zuen papera betetzen hasi ziren. Azalpen hori ematen zion iloben bilakaera erdi barregarri, erdi beldurgarri hari. Azalpenik behar balu bezala. Judit, bere aldetik, etxekoandre ezkonduaren klixetik ihesean, beste klixe bat bihurtu zuen bere bizitza: alde batetik bestera “bere burua” bilatzen dabilen adin ertaineko emakume zuri middle-classa; yoga, homeopatia, budismo, ekologismo eta horrelakoak, ezagutza “nagusiago” bat erdiesteko bide bezala praktikatzen dituena. Dena dela, egia osoa esanda, klixe horren eskuliburuan –nonbait existitu behar den eskuliburua, hainbeste jendek puntuz-puntu jarraitzen baitu- jasotako topiko guztietan ez zela erori aitortu behar zaio Juditi. Zeren, espero bezala, bere estreinako “autoezagutza bidaia” Indiara egin bazuen ere, ez zen ohiko esaldi nazkanteak errepikatzen itzuli; “bizitza eraldatu dit”, “daukaten apurra ematen dizute” eta horrelakoak. Ostera, “matxista zikin batzuk” zirela esanez bueltatu zen azpikontinenteatik. Ez hori soilik, erlijio guztiak gizarte kontrolerako balio bazuten, hinduismoak horretan errekor guztiak gainditzen zituela botatzen zion Indiari buruz galdetzen zion edozeini. Indiaren inguruko edozein solas –solasak baino Judit beraren bakarrizketak sarritan- “gertatzen zaien edozer merezi dute” samur eta gupidatsu batekin amaitzen zituen. Eta galdetzen ez zionari ere. Juditen gauzak. Cadizen hilabete eskas bat aguantatu zuen. Etiopian gusturago egon zen -bere hitzetan- eta luzaroago ere, baina hura ezta ere “bere lekua” ez zela erabaki zuen. Tanger, Kuba, San Frantzisko, Nevadako basamortua… Azken aldian haren albisteak Fukushimatik zetozen. Lana aurkitu omen zuen bertan, eta “lasaitasuna”, inork ez baitzuen molestatzen bertan. Azkeneko mezuetan Ipar Koreara salto egitea pentsatzen ari zela zioen, baina bertako errejimenak iragarritako azken berrikuntzek, mundura zabaltzeko asmoa adierazten zutenak, herrialde haren benetako interesarekin bukatuko zutela susmatzen zuen, eta horrek atzera botatzen zuen. Bitartean, momentuz, hainbeste urtean bilatzen ibilitako “bere lekua” Fukushima zela zirudien. Juditen gauzak, berriz ere. Ez zen harritzekoa beraz, amaren eszentrikotasun guzti hauek konpentsatzeko, Maiak eta Taniak XX. mendearen bukaerako etxekoandre baten ohiturak parodiatzen bukatzea -nahigabeko parodia, baina parodia azken finean-. Horrela, arratsalde hartan, Maiaren etxean, Fidelek hirian zabaltzear zegoen gay gizonentzako erresidentzia batera joateko bere asmoa jakinarazi zienean ilobei, hauek euren oilaloka errepertorio osoa atera zuten. – Osaba, badakizu, ondo jakin ere, mila bider errepikatu dizugulako, gurekin bizitzera etor zaitezkeela. Zertan joan behar duzu egoitza batera? Jende ezezagunarekin gainera! – Ziur zaude Jonathan, zure senarra, horrekin ados dagoena? Zer esango luke hemen topatuko banindu? Bere sofan eserita, bere komuna erabiltzen. – Pozik egongo litzateke! Mintzatu gara iraganean gai honetaz, eta ados egon da. Gainera, soberan badakizu asko estimatzen zaituela. Beti dio gauza bera, zure aburuak oso interesgarriak direla eta beti kontuan hartzen dituela. – Tania, mesedez! Ez hartu osaba mozolotzat! Zure senarrak eta biok ez daukagu inolako zerikusirik bata bestearekin! Zertaz hitz egingo genuke hemen biok arrastietan? Ziur enegarren aldiz jokoz kanpo bat zer den azalduko zidala. Edo nire etxera autoz heltzeko bide lasterrena zein den, edo auto aseguru merkeena zein den. Ezingo nuke jasan. Errespetu osoz (zerbait esate arren). – Osaba! Ez zaitez hasi! – Ni hasi naiz, ala? Ni ez nintzen Jonathan horrekin ezkondu. Ez dut, hortaz, hura jasateko (zer jasan?, nozitzeko!) obligaziorik. Zintzoa izan, Tania: Jonathanek ez nau jasaten, ez nau ulertzen eta nire graziek ez diote inolako graziarik egiten. Zergatik orduan egin beharko genioke batak besteari bizitza apur bat larriago? Eta garrantzitsuena dena: zuk nahikoa duzu zure bi trasteekin. Zertarako beste traste handi bat etxean? – Zu ez zara inolako trasterik. Ezta nire seme-alabak ere! Maite zaituztenarekin… zer deitu behar diezu, eta traste! – Hori da esan behar zenuena. Egia izan daiteke oraindik traste bat ez izatea, baina nork ziurta dezake ez naizela laster, hilabete edo urte gutxi batzuen buruan halako bat bihurtuko? Tania, benetan eskertzen dizuet eskaintza, ez nuen bidegabea izan nahi, badakit bihotzez egiten duzuela, baina guztiontzat aukera hoberena hau dela uste dut. Egoitza berri honetan bizilagun guztiak adineko gizon homosexualak izango gara. Suposatzekoa da nire bizimodu, eskarmentu, afizio eta manien antzekoak izango dituztela haiek ere, eta, hortaz, elkar ulertzeko posibilitate handiagoak izango ditugula, bestelako egoitza bateko bizilagunekin baino. Eta zuen bien senarrekin baino, zer esanik ez. Ez dirudi bizimoduz asko aldatu beharko dudanik bertara bizitzera joateagatik, eta momenturen batean laguntza berezi baten beharrean egongo banintz, bertako langile espezializatuek zaindu eta artatuko nindukete eta ez nintzateke zuentzako buruhauste bat izango. – Beti izan zara buru gogorra. – Norengandik ikasi zenuten zuek ba? – Erabakia hartu bere hartua daukazu, ezta? –Maiak ordura arte ez zuen ahoa zabaldu eta osabaren azalpenak muturtuta entzuten egon zen.- – Hasieratik esan dizuet. Eta ez egin horrelako plantarik, ez noa Ameriketara eta! Ez naiz hirigunetik irtengo eta ohi bezala elkar ikusten jarrai dezakegu. Munduko beste puntara alde egin duena zuen ama da. Ez bota ba niri haren erruen ardura! Elkarrizketa honen jatorrian Fidelek azken asteetan jasotako publizitate bonbardaketa bat zegoen. Fideli “The Hills” egoitzaren inaugurazioari buruzko publizitatea heldu zitzaion publizistek erabiltzen zituzten bitarteko guztietatik. Sare sozialetatik -“amaraun” izena grafikoagoa eta zehatzagoa bazen ere, sare izenarekin ezagutzen ziren-, postaz, telebista eta musikaren bidez -streaming saioen tarteunetan-. Internetera sartzen zen bakoitzean zorioneko bannerak agurra ematen zion. Posta fisiko bidez ere heldu zitzaion publizitatea! Etxeko portaleko postontzian, normalean trafiko isunak eta smart-fridgen aurretiko ereduarekin jarraitzen zuten supermerkatu eskasen publizitatea iristen zen lekuan ere, The Hillsen publizitatea jaso zuen. Horrelako komunikazio biderik oraindik existitzen zenik ere ez zekien Fidelek, azkeneko bi hamarkadetako momenturen batean, noizbait, desagertu zela pentsatzen zuen, telefono eta telebista analogikoak bezala, zaratarik egin gabe baina erabat. Baina ez, norbaitek oraindik gutunak banatu behar zituen, Fidelek berari zuzendutako bat jaso baitzuen, The Hills egoitzak igorria, arrosa koloreko gutunazal batean. Arrosa! Zer demontre! The Hillseko jende haiek klixe eta estereotipoak jarraitzen bederen onak zirela bazirudien. The Hills proiektuaren atzean marketin kanpaina eraginkorrak diseinatzen trebea zen norbait bazegoela argi geratu zen. Zeren Fidel egoitzaren zerbitzuen target zehatza zen, horretan ez zegoen zalantza edo ezbairik, baina horretaz gain, The Hillsen zerbitzuen eskaintza, zerbitzu horiekiko irrika eta beharrizana piztu zitzaizkion momentu zehatzean heldu zitzaion. Itua! Hura zen garai haietan produktu edo zerbitzu bat bere balizko publiko objektiboarekin lotzeko erdietsitako eraginkortasun maila. Mundu guztiaren, gizabanako bakoitzaren, datu demografiko, ekonomiko eta sozialak, ideologia, erlijio eta sinesmenekoak barne, kontsumo ohiturei jarraituz antzeman zitezkeen, erraz. Fidelen kontsumo joeren aztarnak edonon bilatu eta jarrai zitezkeen, hala nola Interneten, sare sozialetan, streaming bilaketetan eta antzekoetan. Guzti hauetan uzten zituen arrastoek, bere preferentzien, bere bizimoduaren zantzuak ematen zituzten. Eta zantzu guzti horiek bildu nahi zituenak eta haiengatik diru nahikoa ordaintzera prest zegoen edonork, erraz jakingo zuen Fidel adineko -adinekoa izaten hasia- gizon homosexual, ezkongabea, bikoterik gabea zela, ikasketa eta kultura maila altuduna eta diru sarrera maila ertain-altuduna. The Hills, Fidelentzat, eta honen segmentu demo-sozio-ekonomiko berean sartzen zirenentzat, produktu edo zerbitzu ezin egokiagoa zen. Bere bizitzako beste momentu batean, antzeko publizitate eraso batek Fidel zeharo haserretu eta deseroso senti-araziko zuen, eta paranoia apur bat eragingo zion ere. Esaterako, helbide gayren batean oporrak pasatzeko publizitatea heltzen zitzaionean bezala. Edo, zer esanik ez, viagra edo antzeko botikaren baten eskaintza heltzen zitzaionean. Antza, Fidel, gay eta ezkongabe izateagatik soilik, etengabeko erekzio baten bila ibili behar zuela aurretik suposatzen zuen “norbaitek”, marketin departamentu batek-edo. Baina ez horrelakoetan bakarrik, bestelako publizitate txundigarriagoak heltzen zitzaizkionean ere bere onetik ateratzen zen Fidel, adibidez, auto edo motor garesti bat erostera bultzatzen zuten iragarki pertsonalizatuak heltzen zitzaizkionean. Zertarako nahiko zuen berak motor bat?! Urtean hirurehun egunez euria egiten zuen hiri batean! ! Baina oraingoan… oraingoan asmatu zuten! Justu Fidel bere kabuz bizitzen jarraitzeko egoeran bazegoen edo ez zalantzan hasi zenean… horra! The Hills! Bertan eguneroko bizitzaren eginbeharrak, otorduak, etxearen eta arropen garbiketa eta antzekoak ahaztu ahalko zituen. Ez hori bakarrik: bere burmuinak noizbait behar bezala -edo ohi bezala- ibiltzeari uzten bazion, profesional aditu eta prestatuak izango zituen inguruan, mediku, erizainak eta guzti. Hau guztia edozein legezko egoitzak eskaintzen zuen, baina The Hillsek gainera Fidelen gustuetara egokitzen zen inguru bat eskaintzen zion. The Hillseko gainerako bizilagunak ere, Fidel aukeratzeko erabili zituzten bide eta irizpide berdinekin aukeratu bazituzten, orduan, Fidelen antzekoak izan behar zuten, eta, hortaz, ziur The Hillsen ez zela fulbol partidarik ikusiko, ziur lumak -noizbehinka edo etengabe- botatzeagatik inork ez zuela kopeta kizkurtuko… ziur Kylieren erretratu bat egongo zela gela nagusian! V Fear is stupid. So are regrets. Beldurra ergela da. Damuak ere badira. MARILYN MONROE Eguna heldu zen. Zeren eguna? Nola deitu ekintza hura? The Hills egoitzan biztanle berriak onartzeko eguna iritsi zen. Harrera-ekitaldia deitu beharko litzateke hortaz, baina ekitaldi berezirik ez egitea erabaki zuten jabeek. Ospitaleratze baten antzeko zerbait bezala zen, baina The Hills ez zen ospitale bat, eta bertan sartzen zirenak ez ziren behin-behinean edo aldi baterako sartzen, euren bizitza guztirako baizik, edo asmo horrekin behintzat hasiera batean. Beraz, nahiz eta edozein momentuan iritziz aldatzeko eta The Hillsetik alde egiteko aukera izan, bertara egun hartan sartzen ziren guztientzat egun hura euren bizitzetako une esanguratsu bat izan behar zuen, mugarri bat. Hala ere, Alainek eta Elenek zeremonia berezirik ez antolatzea eta egoiliarren harrera naturaltasun osoz maneiatzea erabaki zuten, azken orduko desertzioak saiheste aldera. Egoitzaren sustatzaileek antolatutako promozio kanpainak soberan frogatu zuen bere eraginkortasuna eta, haren ondorioz, eskainitako plaza guztiak inaugurazioaren aurretik erreserbatuta zeuden. The Hills, hortaz, egoiliarrez bete-bete eginda egongo zen ateak irekiko zituen egun hartatik hasita. Ez zen gela huts bat ere geldituko. Hura bezalako negozio baten etorkizunaren inguruko zalantzak balitu norbaitek, bezeroen berehalako erantzun hark argituko zizkion: gizartean halako zerbaiten beharra bazegoen, eta sustatzaileek, Alainek eta Elenek, beharrizan hori detektatzen jakin zuten. Han zeuden bada biak irekiera egun hartan, The Hills etxeko sarrera nagusiaren atzean, bizilagun berriei iristen ziren unean ongietorria emateko. Gurutzaontzi baten ontziratzea ematen zuen egoerak. Alainek eta Elenek haren izenagatik deituz agurtzen zuten iristen zen bezero bakoitza -aurretik ikasiak zekartzaten bakoitzaren hazpegiak-, zerbitzari batek harrera edari bat eskaintzen zion heldu berriari -alkoholik gabekoa, egunaren orduagatik eta hauen adinarekiko begiruneagatik, kafea, tea, zukua edo freskagarriren bat-. – Egunon Fidel, ongi etorria zure etxera, gure etxera –Alainek, irribarre batekin lagundu zuen bere agurra, Fideli eskuineko eskua luzatu eta ezkerrekoarekin bizkarrean txalotxo bat ematen zion bitartean, bizitza osoan elkar ezagutu balute bezala, nahiz eta Fidelek bere erreserba Internet bidez egin bazuen ere-. Alain Mora naiz eta Elene Ariasek laguntzen nau. The Hillsen sustatzaileak gara eta hau zure etxea bihurtzeko prest gaudela esan nahi genizun. – Eskerrik asko –erantzun zuen Fidelek, ezezagun haren gehiegizko konfiantzaren aurrean harrituta eta mesfidati-. Nire iloba Tania da hau. Honaino ekarri nau berak eta maletak garraiatzen lagundu ere. Fidel “Fidel” zen, Alain eta Elene haientzat, eta ez “Arruza jauna”, ezezagunen aurrean espero zitekeen bezala. Argi zegoen beraz The Hills ez zela hotel bat ezta gurutzaontzi bat ere, lagun talde bat baizik, edo familia bat, edo formalitate gutxiago eskatzen zituen bestelako ingurumenen bat. Hori horrela izanik, Alain eta Elene ez zihoazen trajez jantzita, hain egun seinalatu batean, enpresari bat bere negozioa zabaltzerakoan edo hotel baten jabea bezeroekin biltzerakoan joango litzatekeen bezala. Kasual estiloan jantzita zihoazen ostera, txinoak eta boston alkandora Alainek eta eguneko jantzi arrunt bat Elenek. – Ongi etorri Fidel –Elenek ere mutua ez zela frogatu nahi zuen-. Kaixo, Tania, pozten nau zu ezagutzeak. Har ezazue kafea lasai, presarik gabe. Bitartean Erikek eta Alexek ekipajea gelara igoko dizuete. Erikek eta Alexek ezta ere ez zeramaten “zerbitzari” baten ohiko uniforme bezala uler zitekeena, baizik eta gimnasiora joateko edonork jantziko lituzkeen arropa tekniko, eroso, ergonomiko, elastikoak. Zehatz izateko, “edonork” ez, kirolari edo atleta profesional batek jantziko lituzkeen arropak ziren haienak. Ez soilik arropak, hauen azpian antzematen ziren gorputzak ere atleta batenak edo modelo batenak edo atleta-modelo batenak ziruditen: gihar hutsak, inolako gantzuren zantzurik ere ez, gaztetasunez, indarrez, potentziaz, erresistentziaz, eraginkortasunez gainezka. – Ez zara lehenengoa –jarraitu zuen Alainek-. Beste bizilagun batzuk badaude dagoeneko euren geletan, maletak zabaltzen edo dena delakoa. Baina azkena ezta ere ez zara, beste asko baitaude oraindik heltzeko. Guztion aurkezpena egiteko eta elkar ezagutzen hasteko, harrera bazkari bat prestatu dugu eguerdian. Ordura arte, zu ere zure gelan instalatzen has zaitezke zure gustura, eta, zerbait behar izanez gero, hemen gaituzu. Fidel eta Taniari mutil gazte irribarretsu bat hurbildu zitzaien edariz beteriko erretilu batekin. Izokin koloreko niki –estu- bat, beige koloreko praka laburrak eta running egiteko zapatak zeramatzan. Nikiaren bularrean zeraman txartel batek “Lukas” deitzen omen zela zioen. Fidel eta Taniak, kikara bana hartuta, eskerrak eman zizkioten Lukasi eta harrera gelaren txoko batean seinalatu zizkieten eserlekuetan eseri ziren kafea hartzen. Eseri eta berehala Taniak eserleku haiek ergonomikoak zirela nabaritu zuen. Horien antzeko eserlekuak ezagutzen zituen, baina ez zituen sekula etxe partikular batean ikusi, dendetan baizik. Taniak bazekien jendea dekorazio dendetan sartzen zela horrelako eserlekuetan jesartzeko, haien ergonomia probatzeko aitzakiarekin, baina deskantsatzeko, lasaitzeko eta siestatxo bat ere botatzeko asmo ezkutuarekin; baina sekula inork ez zituen erosten, hain ziren garesti. The Hillsen harrera gela borobila zen. Zoruan jatorrizko oholtza mantendu zuten, leunduta eta bernizatuta hori bai, kalitate handiko zurezkoa baitzen.. Erdian, zuraren gainean, artilezko alfonbra borobil bat zegoen, Joan Miroren koadro batean inspiratutako irudiekin apaindutakoa. Alfonbraren gainean, zur gorrizko mahai borobil bat, zutabe salomondar baten antzeko oin bakarrekoa. Eta mahaiaren gainean beirazko loreontzi erraldoi bat, lore freskoz betea. Fidelek ez luke bere burua inoiz dekoraziozale edota botanika zale bezala definituko, baina gay zen, eta urte ugari zeramatzan gay inguruetan murgilduta, eta osmosiagatik-edo, loreontzi hura Alvar Aalto arkitektoaren diseinu bat zela bazekien, eta lore haiek hegoafrikar jatorrikoak zirela ere. Kafeak bukatuta gelara igo ziren Fidel eta Tania. Honek akatsen bat aurkitu nahi zion lekuari, zikinkeria, jabeen edo langileen heziketa txarra edo bortxa, saguak, armiarmak, arratoiak… batek daki! Osaba Fidel azken momentuan iritziz aldatzera bultzatuko lukeen zerbait. Baina ezerk ez zion ahoa zabaltzeko abagunea ematen. Guztia zegoen garbi, txukun, berri, usain atsegina zerion etxeko txoko guztiei, langileak jatorrak ziren. Baina Tania ez zen isilik geratzen direnetarikoa, ez zitzaion gustatzen isilarazi zezatela: – Bai, egia, dena dago ondo, den dena. Susmagarriegia deritzot hainbesteko txukuntasun eta jatortasunari. Estreinako eguna da. Hemendik aste pare batera ikusi beharko genuke hau nola doan! Etxeari usain ona dario, baina nik zerbait arraro usnatzen dut hemen. – Tania, arren. Badakit ni zaintzeko, babesteko, egiten duzula guzti hau, baina lasai gera zaitezen ekarri zaitut gaur. Ez zaitez kezkatu. Nagusia naiz dagoeneko. Badakit nire burua zaintzen. Joan lasai hortaz etxera. Telefonoz hitz egingo dugu. Gainera nahikoa lan badaukazu zuk zure etxea senarrarengandik zaintzen. – Osaba! – Ados, ados. Txantxetan zen. Momentuari tentsioa kentzeko. Osabari musu eman eta alde egin zuen Taniak. Bakarrik gelditu zen Fidel bere etxea izango zen gelan. Bizitza osorako? Geratzen zitzaion bizitza osorako? Inork ezin dezake sekula horrelako zerbait irmo ziurtatu edo ezeztatu. Inork ez daki ziur bizitzak nora eramango duen, baina bizitzaren ortzi-muga hurbilago sumatzen den neurrian, era horretako aldaketak egiteko epea eta aukerak murrizten doaz. Hori zen Fideli momentu hartan buruan itsatsi zitzaion gogoeta. Hura izango ote zen bere gela bizitza osorako? Zer zen “bizitza osoa”? Zenbat urte? Zenbat urtez jasan beharko zuen hormetako kolore hura? Ze kolore zen hormetako hura? Izokina? Melokotoia? Eguerdiko ordubietan Fidel egoitzako jantokira jaitsi zen. Guztira hamahiru lagun izango zirela esan zioten, baina jantokira sartzean lau besterik ez zituen topatu oraindik bertan. Solasean zeuden jantokiko bazter batean eta edari bana zeukaten jada eskuetan itxaronaldia girotzeko. Momentuz berdinduta zihoan markagailua: bik garagardoa hautatu zuten eta beste bik ardoa –beltza-. Sentsazio on gehiago Fidelentzat: zirudienagatik abstemioek ez zuten ordezkaritza handirik izango The Hillsen. Lauren agurrari erantzun zion Fidelek eta haiekin solasean hasi aurretik, “Erik” izena bularrean idatzita zeraman zerbitzari baten galderari erantzunez –maleta-garraiatzaileetako bat izan behar zuen, uniformea aldatu zuena-, garagardoaren faborean eraldatu zuen markagailua. Jairo, Abel, Bruno eta Eloi ziren jantokira Fidel baino lehen heldutakoak. Erretiratuak laurak, Fidel bezala, baina jatorri eta eskarmentu ezberdinekoak. Jairok, une hartan hitz egiten ari zenak, urte luzetan ile apaindegi bat eduki zuela azaldu zien. “Hau ustekabea, hau!”, pentsatu zuen Fidelek, ironia bere baitan gordez. Metro bat eta hirurogeita bost zentimetro neurtzen zituen Jairok, hogeita bost kilo zeuzkan –edo horren antza behintzat-, UVA izpiek kiskalitako azala, ile hori eskasa baina maisuki atondua –tintatua ziurrenik- eta Kardashian ahizpetako baten nobio raperoak jantziko lituzkeen arropekin jantzita zihoan. Laburbilduz, haren itxura festatik datorren edo festara doan jakin ezin daitekeen gaztetxo zaharkitu batena zen. Azken finean estereotipoak ez dira diskriminatzeko sortzen, energia aurrezteko baizik. – Nik ia bost urte daramatzat erretiratua –azaldu zuen Fidelek, elkarrizketa neutro bat sustatzeko, inoren susmo edo aurreiritziak piztu gabe-, baina hori baino lehen ia berrogei urtez petrolio-findegi batean lan egin nuen. – Ez dirudi gay batentzat ingurune oso egokia. Lesbianaz mozorrotu behar zinen, segurtasun botak eta flanela alkandorak jantzita? –Hori izan zen Jairoren erantzuna, ez zuzentasun politikoa, ez heziketa ona, ezta ezezagunekin hitz egiterakoan espero den zuhurtzia ere axola ez zaizkion norbaitena.- – Antzeko zerbait, egia esan beharra badago –erantzun zuen Fidelek harrituta, lagun artean zegoela baieztatuta-, baina behintzat ez nuen ilea lisatu edo kardatu behar, eta berrogei urtez egunero berrogei minutu aurreztu nituen ile-lehorgailuarekin eta lo egiten eman nituen. Fidelek eta Jairok topa egin zuten kopekin, bestearen hitzetan sozietate sekretu baten pasahitza ezagutu balute bezala. Fidelek Jairoren kopa berea baino askoz handiagoa zela ohartu zen eta garagardo gehiago zeukala. Abel eta Bruno ardo beltzarenak ziren. Alkandora estanpatu bana zeramaten soinean, akatsik gabe lisatuak, ikusgarriak baina ez zalapartatsuak, alaba fashionista batek onartuko zituenak, baina baita ama zikiratzaile batek edo amaginarreba boikotatzaile batek ere. Abelek alkandoraren eskuturra botoiz lotua zeraman eta Brunok buelta emanda, baina biek praketatik kanpo zeramatzaten alkandorak eta hala ere tripontzia antzematen zitzaien –horrelakoak disimulatzeko ez zegoen zer egiterik-. Biek Fidelek baino ile gehiago zeukaten arren, labur-labur moztuta zeramaten, urrituz zihoala disimulatzeko. Biek ere, bukatzeko, betaurrekoak zeramatzaten, luxuzko marka deigarridunak, haien alkandorak bezala, diskretuak ez zirenak baina xelebreak ezta ere. Beste estereotipo bat ziren haiek, argi zeukan Fidelek, oximoron bat zirudiena: eskuineko gayak, gay kontserbadoreak. Fidelek bere bizitzan kontraesan bizidun haietako askorekin topo egin zuen eta bazekien estereotipotik harago haien artean denetarik zegoela. Haietako batzuekin munduaren amaieraraino joango litzateke, eta beste batzuei, aldiz, piolet bat buruan sartuko lieke. Baina halako sentimendu kontrajarriak politika espektroko edozein koloreko lagunek eragiten zizkioten. Abelekin eta Brunorekin zehazki, susmoa zeukan ez zuela politikari buruz hitz egiteko arazorik edukiko. Bera baino zuhurrago eta heziketa hobeagokoak zirela apustu egingo luke. Halako pertsonak eta halako gayak ezagutu zituen bere bizitzan, ideia politiko, etiko edo erlijioso errotuak zeuzkaten pertsonak, baina batez ere izugarri adeitsuak zirenak; bere burua beti defendatuko zutenak, eta iraintzen bazituzten atzera egingo ez zutenak, baina aldi berean elkarbizitza lausotuko zuen gatazkarik sekula sortuko ez zutenak. Bere pelikuletako bat eraikitzen ari zela jabetu zen Fidel. Abel eta Bruno, biak, kazetari izandakoak ziren. Telebistan lan egin zuten, biek, euren karreren zatirik handienean. Ezkonduta zeuden –elkarrekin- eta bi seme zeuzkaten, bikiak. Semeei gurasoak –aitak, kasu honetan- zaintzeko zama arindu nahi zieten. Topiko homofoboan erortzea saihestu nahi zuten, hots, gayek seme-alabak izaten ahalegintzen direla, edonolako bitarteko “antinatural” eta lege “trikimailuak” asmatuz eta saiatuz, soilik zahartzaroan nork zaindu izateko. Ez, Abelek eta Brunok semeak izan zituzten -Indiako emakume baten umetokia alokatuz- pertsona bat, gizaseme bat, mundura ekarri, hazi eta hezi nahi zutelako, euren bizitzen zentzua -zentzuaren zati garrantzitsu bat bederen- horretan zetzala sinesten zutelako. Baina semeek -azkenenean bi iritsi baitziren, esan bezala- euren bizitzak askatasun osoz eraiki behar zituztela uste zuten ere, gurasoek –aitek- beraiena eraikitzen ahalegindu ziren bezala. Une hartan seme biak atzerrian bizi ziren. Batek Erasmusean ezagutu zuen neska-laguna, eta harekin ezkondu berri zen Irlandara. Bestea Indiara bidaiatu zuen bere jatorria ezagutzeko eta bertan gelditu zen, Bangaloreko ospitale batean lanean. Horrela, egun batetik bestera, lauren etxea izandakoa handiegi geratu zen bientzako bakarrik, eta “habia hutsaren sindromeak” jota, etxe txikiago batera aldatu ordez, aukera hobea iruditu zitzaien Abel eta Brunori The Hillsen gela bat hartzea. Bai, informazio hau guztia metrailatu zieten taldeko beste hiruei, txandaka baina etenik gabe, gainerako bizilagunak jantokira iristen zihoazen bitartean. Sakelako terminalak atera eta semeen argazki eta bideokin ere eraso egin zieten ihes egiterik ez zeukaten hiru presoei, hitz egiteari utzi gabe beti. Fidelek zurrutada batez edan zuen bere garagardoa. Horrelakoak izan behar zuten bere bizilagun guztiak? Bazkalordua baino lehen alde egin beharko zuen The Hillsetik? – Ni ez –esatera ausartu zen Fidel, bikoteak bere binakako bakarrizketan arrakala bat utzi zuenean-. Ni ez naiz sekula ezkondu. Eta ez daukat seme-alabarik ezta. Nahikoa daukat nire ilobekin. Eloi mediku –pediatra- erretiratua zen, ezkongabea eta seme-alabarik gabekoa -Fidelekin zerikusiren bat bazeukan-. Hitz gutxikoa izan zitekeen edo, agian, ezkondutako bikotearengandik jasotako informazio oldarraldiak kikilduta utzi zuen eta ez zen ezer esatera ausartzen. Aurkezpen hauek gurutzatzen zituzten bitartean gainerako egoiliarrak iristen joan ziren. Batzuk elkarrizketara gehitu ziren eta beste batzuek euren taldetxoak egin zituzten. Hamahiru aurpegietatik guztiak ez ziren Fidelentzat arrotzak, ezta honen oroimen ahulduarentzat ere. Hiri txiki batean bizi ziren, edo ez ziren hiri handi batean bizi behintzat, eta hortaz, adin antzeko hamahiru gizon homosexualen artean, probabilitate handiak zeuden noizbait elkar ikusi edo elkar ezagutu izanaz. Elkarrekin noizbait txortan egindakoak izatearen probabilitate handia bazegoen ere. Eta ez hori bakarrik: noizbait, bizitzan zehar, bikote harreman bat mantendu izana ere probabilitateetan sartzen zen. Hori zen Fidel igarri nahian zebilena, ezkonduen bikoteak bere planteamendu existentzialak eta kudeaketa domestikoak “laburbiltzen” zituen bitartean: hamabi lagun haietariko baten batekin oheratu ote zen noizbait? Eta bikote bat osatu zuen haietariko batekin? Edo batekin baino gehiagorekin? Eta, hala gertatu bazen, oroituko ote zen? Hainbesterako emango zion bere oroimen kaskartuak? Alain eta Elene sartu ziren orduan jantokian. Estreinako eguna zenez, harrera bazkarian heldu berriekin egon nahi zuten, hauek ongi etorriak sentitzeko eta beraiek The Hills proiektuaren inguruko argibide gehiago emateko. Behin mahaian eserita, otorduez mintzatzen hasi ziren: – Eskarmentu eta sona handiko sukaldari bat kontratatu dugu –Alainek, sukaldeko kontuak Eleneri uzteak matxismo itxura emango zukeelako-, zuen guztion nahiak ahalik hoberen asetzen ahaleginduko dena. Orokorrean, janariak osasungarriak izango dira, “gure” adinean gomendagarria denez –egoiliarretako gazteenak Alainek baino hogeita hamar urte gehiago zeuzkala ikusita, amarru hau lekuz kanpo geratu zen-. Kolesterola, diabetesa, azido urikoa eta kezkatzen gaituzten arazo horiek guztiak zainduko dira menuan. Gaixotasunak ekidin beharko ditugu, guztiok elkarrekin denbora luzean egon nahi badugu, ezta? Barre egin zioten txantxari, batzuek. Fidel ostera isilik egon zen, lehen egunean hanka sartu nahi ez zuelako, baina berak janariekin ez zeukala hainbesterako begiramenik esan nahi zuen. Lekak, zerbak eta antzeko jaki geza eta goibelak jatera behartuko zutenaren beldur zen, baina bere jarrera aditzera emateko abagune hobe bati itxarotea erabaki zuen. Alainek The Hillsen egingo ziren janarien ustezko bertuteak goraipatzen jarraitu zuen. Gatz gutxirekin prestatuko zirela eta azukrerik gabe, barazkiak mahaiaren protagonistak izango zirela, esneki gaingabetuak erabiliko zituztela, okela gorriaren “bekatuan” noizbehinka soilik eroriko zirela, eta horrela. Horiek guztiak entzutean, maletak azkarregi ez ote zituen desegin galdetzen hasi zion Fidelek bere buruari. Txuleta bat ardo botila batekin afaldu nahi bazuen, bere gelan ezkutuan ibili beharko zuen ala? Drogak hartzen ibiliko balitz bezala? Bere adinean? Fidel gogoeta horietan beldurrez murgilduta zebilela, Jairok, ile apaintzaile ohiak, Alainen diskurtsoa moztu zuen: – Primerakoak deritzet ideia horiei. Benetan ondo egiten duzuela osasuna zaintzen saiatzen zaretenok. Baina gainerakook, elikagaien osasungarritasunari hainbesterako garrantzia ematen ez diogunok, zaporeari baizik, jaki ez hain osasuntsuak eskuratzeko aukera izango al dugu? Nik behintzat ez diot arazo handirik jarriko sukaldariari, ia edozer gustatzen zait, koipe, gatz, azukre edota pikante asko baldin badauka. Jarri zuten aurpegiagatik, Elenek eta Alainek ez zuten horrelakorik espero. Atakatik irteten saiatu zen Elene: – Esan bezala, guztien nahiak betetzea da gure xedea. Baina ulertu beharko duzue zuetako bakoitzarentzat menu ezberdin bat prestatzea ezinezkoa dela. Orain guztiak elkarrekin batera bizi zarete, zuen independentzia mantenduz, jakina, baina jada ez zarete bakoitza bere kasa biziko. Taldearen bizimodura nolabait moldatu beharko zarete. – Noski, horretan ez dago zalantzarik –Jairo ez zen hasierakoan isiltzen direnetarikoa, antza-, baina hori horrela izanda, taldeari galdetu beharko genioke, ezta? Mahai inguruan eseritako hamahiruek baietz xuxurlatu zuten eta buruarekin azpimarratu. – Zer uste duzue, niri bizilagunok? –jarraitu zuen Jairok- Arazorik edukiko al zenukete gure etxe berri honetako otorduak erabat osasuntsu ez balira? Zurrunbilo bat zabaldu zen. Guztiek aldi berean erantzun nahi zuten eta ez zen adierazpen argirik entzuten, baina erantzuna –guztiena- nolabaiteko arrisku kardiobaskularraren aldekoa zela nabari zitekeen. – Mora jauna, Arias andrea –Jairok, berean-, badirudi, The Hillsen biziko garenon ustean, elikaduren onuragarritasuna ez dela horren garrantzitsu. Adin bat badaukagu, gure gorputzak ez dira, eta jada ez dira sekula izango, modelo gazte batenak. Alferrik atsekabetu eta deprimituko ginateke loditzeak kezkatuko bagintu. Badakigu hil egingo garela, ziur gainera, eta ahoan sartzen dugun edozer hainbeste zaindu eta begiratzeak ez du hori aldatuko. – Hori, hori! –Eloik ustekabean salto egin zuen.- Ongi dakigu hori egun. Egun gai honen inguruan ikerketak badaude eta badakigu elikadurak bizitza zenbatean luzatu edo laburtu dezakeen. Eta ez da hainbesterako: hilabete edo urte eskas batzuk besterik ez dira elikadurak eragin dezakeen diferentzia. Hilabete horien ordainean hainbesterako ardura eta sakrifizioak merezi ote duen, bakoitzaren erabaki subjektibo bat da. Egia da Japoniako eskualde batean, ehun urte baino gehiagoko atso eta agure ugari bizi direla, eta hauek arraina eta barazkiak besterik ez dituztela jaten, eta horiek ere kopuru murritzetan. Baina nik behintzat ez nuke nahi adin horretara heltzea horrela bizitzeko. Ez dut nahi bizitzak eskaintzen duen gozamen gutxienetako bati uko egitea, bizitza bera zalantzazko epe labur bat luzatzearren. Zertarako bizitza luzatu, bizitza bera ezin baduzu gozatu? Txalo egin zioten mahai inguruko hamahiruek, ados zeudela adierazteko. – Ba… -Alainek ez zekien zer esan, baina ezustea disimulatzen ahalegindu behar zuen- guztion iritzia hori baldin bada, eta esan dugunez, taldearen bizimodura egokitu behar badugu, instrukzio berriak helaraziko dizkiot sukaldariari, otorduak guztien gustukoak izan daitezen, ahal den neurrian. Ez zegoen ziur esan berri zuenak inolako zentzurik zuenetz, baina isildu, irribarre egin eta ardoz beterik zeukan edalontziari zurrutada luzea eta sakona eman zion. Mahai bakar haren inguruan zeuden guztiak bazkaltzen hasi ziren, albokoekin, ingurukoekin solasean zebiltzan bitartean. Aurrerantzean lauzpabost lagunentzako mahaietan antolatuko zen jantokia. Fidelen susmoak aldatuz zihoazen: bai, bazirudien ideia ona izan zela The Hillsera aldatzea. Hasiera batean susmatu zuenak baino gehiagok lotzen zuen gainerako bizilagunekin. Antza. Bazkaltzen zuten bitartean, Fidelek bere bizikide izango zirenetariko beste batzuk ezagutzeko parada izan zuen. Bere ezkerretara, harrera bazkarirako antolatutako mahai zabalean, ezagutu beharko lukeela susmatzen zuen aurpegi horietariko bat zeukan, baina bere burmuinak ez zion izenik edo historiarik egokitzen. Nor, noiz, non? – Barkatu, baina oroimenaren hondatzea diagnostikatu didate eta, zure aurpegia ezaguna egiten zaidan arren, ezin dut gogoratu zertaz –horrela hasi zuen Fidelek solasa, badaezpada-. Litekeena da elkar ezagutzea eta zutaz ez gogoratzea, baina baita noizbait telebistan zure aurpegia ikusi izana eta orain ez identifikatzea. – Kasu honetan gauza biak gerta daitezke –erantzun zion ezkerreko aurpegiak-. Joel naiz. Eta nire oroimena miragarria ez bada ere, orain dela urte pila elkar ezagutu genuela esango nuke, biok oso gazte ginenean, eta lagun komunen bitarteko gizarte harremana izan genuen. Denbora asko igaro da, jende asko eta aurpegi asko. Normala da ez oroitzea. Bestalde, aktore naiz, aktore izan naiz urte hauetan, Joel Soto izenarekin, eta litekeena da, baina probabilitate txikiarekin, telesailen batean edo antzerkian noizbait ni ikusi izana. Probabilitate txikiarena ez diot zure kultura edo ikus-entzunezko produkzioetarako zaletasuna zalantzan jartzeagatik, nire karrera ez delako izar batena edo lehen mailako pertsonaia batena izan baizik. – Joel! Jakina gogoratzen naizena. Bai, benetan denbora igaro dela. Eta ez soilik denbora. Hainbeste gauza! Noski gogoratzen zaitudala. Zein ederra zinen! Tira, oraindik ere bazara, ulertuko didazu. Ederra dena, bizitza osorako bada. Baina orduan txundigarria zinen. Lelotuta nengoen zugatik. Hori bai gogoratzen dudala. – Benetan? Ondo dago jakitea, sekula ez zenidan esan-eta. – Ez. Mutil bat benetan gustuko dudanean, benetan gogoko, blokeatzen naiz. Oraindik ere gertatzen zait, baina ez orduko maila geldi-arazlean. Herabetasuna du izena. – Nik, ostera, asko erakartzen ninduzula gogoratzen dut. Tipo adimentsu, kultu, interesgarri eta apur bat misteriotsu bat bezala ikusten zintudan. Zure gustukoa izatea nahi nuen, baina apur bat ikaratzen ninduzun. Umemoko bat bezala ikusten ninduzula uste nuen. – Baina ni zu bezain umemoko banintzen orduan! – Ni baino bi edo hiru urte gehiago zeneuzkan (dauzkazu), eta hori orduan asko zen. – Ba ondo dago jakitea, tentel aurpegi hau jartzeko. Barkatu zakar baderitzozu galdetzera noana, baina zalantzak aldentze aldera, orduan proposatu banizu nirekin afera bat izateko prest egongo zinen? – Zalantzarik gabe. – Hau mozolo parea. Zenbat denbora galdua. Barre egin zuten biek. Bien arteko hura bi adineko helduen arteko elkarrizketa heldu bat izan bazen, zergatik sentitzen zen Fidel orduan nerabe memelo bat bezala? Lehen platereko barazkiak plantxan aurrean zeuzkatela, hasi zuten solas hura egunean jartzeko sesio luze bat bilakatu zen, elkarrekin egon gabeko hogeita hamar urte baino gehiago barne hartu zituena. Elkarrekin harremana izan zuten garaiko lagun guztiak ekarri zituzten gogora. Haietako askorekin bai Fidelek edota Joelek harremana izan zuten gerora, beste batzuk ordea bien timelinetatik desagertu ziren, eta beste batzuk, azkenik, ez ziren jada haragi hilkorra, oroimen hutsa baizik. Interpretazioaren munduan Joelek emandako hasierako urratsak larunbat goizetako haurrentzako telesaio batean izan zirela gogoratzen zuen Fidelek. Fidel txunditzen zuen bezala, bere edertasunak kamera ere txunditzen zuelako aukeratu zuten castingean. Horregatik eta, nahiz eta hogei urte baino gehiago izan, behar bezala karakterizatuta, hamalau urteko nerabe baten itxura eman zezakeelako. Zurrumurrua, hiri kondaira ere bazebilen, saioaren ekoizlearen zaletasun harrapariak eta honek talentu gazte, eder eta lagunkoiak aurkitzeko zeukan senak hautaketan zer esana izan zutela. Hautatuak izan ez ziren guztien bekaizkeriak puztuta zihoan esamesa eta, hortaz, Fidelek beti berrogeialdian gorde zuen. Baina telesaio haren aurkezle guztiak, bere sasoi ezberdinetan, beti mutil oso gazte, eder eta homosexualak izanak ez zuen tukua aldentzera laguntzen. Fidelek Joel haurrentzako telebista kate hartan –zeinaren izena ezin den aipatu, milioidun demanda baten mehatxupean- gogoratzen zuen, baina ordutik honen karrera noraezean ibili zen, irismen murriztuko kateek ekoitzitako telesailetatik antzerkira, Joelek berak azaldu zionez bigarren plateraren aurrean –legatza lurrunera-. Zinema industriak, beste kultura aurreratuagoetan eta lekuko profesionalen ametsetan soilik existitzen den izaki mitologiko horrek, ez zuen sekula Joelen atea jo. Ez zen inoiz izar bat izan –azalpen hau sobera zegoen, zeren, hala izan balitz Fidel jakinaren gainean legoke-, baina bere ogibideaz bizitzea lortu zuen urte haietan guztietan. – Harro nago horretaz, hain gaitzetsia baitago gure ogibide hau herri honetan. Joelen hitzalditxoari kirats desatsegin bat usnatzen hasi zitzaion, baina Fidelek irribarretsu aditzen jarraitzen zuen. – Nire maisua izandako Augusto Cappelloren tailerrean interpretazio irakasle izan naiz ere. Alajaina! Hura zen ba kiratsaren iturria. Fidelek Cappelloren beste kreatura batzuk ezagutu zituen iraganean. Gazteak izan ohi ziren, neskak eta mutilak, itxura ederrekoak orokorrean, “ama, artista izan nahi dut” esan zutenetakoak, edo hori esan ez bazuten ere, ideia hori buruan zeukatenak, oin punta adin helduan sartu zutenean tenperatura probatzeko. Zine edo telebista pantailen bestaldean egon nahi zuten gazteak, eta ahalik hoberen prestatuta egon nahi zutenak “aurkituko” zituzten unerako. Asmo horrekin interpretazio akademietan edo arte dramatiko eskoletan matrikulatzen ziren, eta hautatu gutxi batzuek, normalean aurretiko prestakuntza bazeukatenak, Augusto Cappelloren aukerako tailerrean onartuak ziren. Fidelek ez zekien nolako teknika sektario eta proselitistak erabiltzen zituen “maisu” argentinarrak, baina ezagutu zituen ikasle-iniziatu guztiak eraldatuta irten ziren zorioneko tailerretik, batez ere aktore ogibidearen inguruko diskurtsoari zegokionez. Erne ez zegoen edonori jaurtitzen zioten hitzalditxoa, inork galdetzen ez bazien ere, beti aktorearen lana apaizgo bat balitz bezala deskribatuz, Txiroen Ahizpenak edo Hare Krishnarenak ziruditen esapideak erabiliz. Hori, irteten zirenak, zeren sektara –tailerrera- betirako itsatsita geratzen zirenak ere bazeuden. Eta hori zirudien Joelen kasua eta honen irakasle bezalako gainsoldatarena. – Eta erretiratuta zaude? –Galdetu zion Fidelek.- Aktoreak sekula ez direla erretiratzen entzuna neukan. – Ez naiz erretiratu! –Berehala bota zuen Joelek.- Lanean jarraitzen dut. Are gehiago, egun inoiz baino lan gehiago aurkitzen ari naiz. Gure adineko protagonistarik ez dago, baina edozein ekoizpenetan adineko sekundarioren bat beharrezkoa da, protagonisten gatazkei ile-urdinak dakarren argitasuna eta lasaitasuna, edo denetarik bueltan egotearen kontrapuntu komikoa, ekartzeko. Ez naiz The Hillsera etorri erretiratua nagoelako eta egunero lanera joan behar ez dudalako. Bakarrik bizitzeari uztearen eta nire adineko gayekin batera bizitzearen ideiak erakarri ninduen. Joel gizaseme eder eta maitagarri bat zen oraindik ere. Joandako denborarekin ere, Cappello eta enparauekin ere. Arretaz ibili beharko zuen Fidelek. VI Being hot never hurts! Ederra izateak ez du inoiz kalterik egiten! DEBBIE HARRY Inauguraziorako etxea inguratzen zuen orubeak, urte luzetan zabortegi eta osasun publikoaren aurkako delituen agertoki izandakoak, bere jatorriko distira berreskuratu zuen. Alain eta Eleneren aginduz usain gozoko lorategi ingeles bat bilakatu zen, kolore aniztun arrosa eta bitxilorez margotua eta hormetan gora egiten zuten jasmin eta sasiamek lurrindua; eta dena errekluta baten ilea bezain zehatz moztutako soropilezko alfonbra itxi baten gainean. Talentudun profesional bat izan behar zen multzo haren harmonia eta oreka sortu zituena eta hain arretatsu mantentzen zituena. Igor lorezainak egoitzako beste langile guztien itxura berbera zeukan, dinamikoa, adeitsua, txukuna, prestua. Puntuala zen, nahiz eta bere nagusiek soilik ezagutzen zuten bere ordutegia; zuhurra, inork ez baitzuen sekula kexarik adierazi haren zaratengatik; atsegina, berarekin tratua zeukatenekin; eta eraginkorra, lorategia beti dotore mantentzen zuelako, inork bere esku-hartzea faltan bota gabe. Baina Igorrek gainera Paulen, egoiliarretako baten, laguntza desinteresatua zeukan, lorezaina izandakoa eta, erretiratua egon arren, deformazio profesionalagatik edo, bere etxebizitza zenaren lorategiaz arduratzeari ezin ziona utzi. Paulek ez zuen soropila mozteko edo ongarria botatzeko eskaintzarik egin, ez baitzuen bere burua esfortzu handirik behar zuten lanetarako gai ikusten –esfortzu handitzat makurtzea edo bizkarra tolestea ulertuz-, baina loreak eta landareak zaintzen laguntzen tematu zen. Landareak txukuntzen zituen bitartean haiekin hitz egiteak lasaitzen zuela zioen. Urte asko izan ziren gauza bera egunero egiten eta, horrenbestez, beste batzuek egunero gurutzegrama bat egin, loto jarreran meditatu edo jauna hartu behar duten bezala, Paulek landareekin bere solasalditxoa behar zuen. Horretan zebilen Paul arratsalde batez Fidel hurbildu zitzaionean. – Elkarri iskin egiten jarraituko dugu ala? Deseroso izateaz gain, ezinezkoa izango da, sabai beraren azpian bizi baikara. – Ez naiz zu ekiditen ibili –erantzun zion Paulek-. Ez dut uste horretarako ziorik daukadanik. Hasieran, lehenengo egunean, jangelan elkar ikusi genuenean, ez ninduzula ezagutu pentsatu nuen. Gero, urrunetik agurtu baina hurbildu ez zinenean, nirekin hitz egin nahi ez zenuela suposatu nuen eta halaxe egin nuen. – Arrazoi duzu, deserosoa zen egoera niretzat ere eta ez nekien nola jokatu. Orain ere, nire herabetasun madarikatu honen erruz esaldi nahiko zabar eta lekuz kanpoko bat atera zait solasean hasteko. Has gaitezen berriro: Zer moduz, Paul? Nola tratatu zaitu bizitzak? Benetan pozten naiz zu ikusteaz, hainbeste urteren ondoren. – Ni ere pozten naiz zu ikusteaz, Fidel. Benetan ni ere. Bere itxuragatik, etxearen jatorriko teilak jarri zirenean landatu behar izan zuten ezki baten gerizpe likatsuan eseri ziren. Biek ala biek bizkarra ezkiaren enborrean jarri nahi izan zuten eta, hortaz, ezin zioten elkarri begietara begira mintzatzen zuten bitartean. Printzipioz solas baterako arraroa ematen zuen jarrera hark bien arteko elkarrizketaren isuria erraztu zuen, horrela haietako batek ere ezin zuelako bestearen begiradaren hondoan gaitzespen edo erresumin izpirik antzeman. – Zer gertatu zitzaigun azalduko ez dugula hitzeman behar diogu elkarri –esan zuen Fidelek-. Edo behintzat, bertsio bat inposatzen saiatuko ez garela. – Ez, gaur ez –gaineratu zuen Paulek-. Ondoren gertatu zenaz hitz egin dezagun, ondorengo urte guztiotan. Zure bizitza nolakoa izan den konta iezadazu. Paulen azken adierazpen honek dramatismo apur bat bazeukan, ez baitzen egia –eta hark ondo zekien- harremanik izan ez zutela, edo batak bestearen inguruko berririk izan ez zuela, bizitza osoan zehar. Fidel eta Paulen arteko intimitate istorioak esklusibotasun eta perspektibadun une indartsu bat izan zuen urte asko lehenago, biak beste pertsona ezberdin batzuk zirenean, ez arrautzatik irten berriko arrainkume batzuk, baina bai eratze prozesuaren erdian zeuden kadete pare bat, zeintzuei bizitzak oraindik ez zien bere lezio gogorrenak irakatsi. Intentsitate une hark garai hartan bizitza erdia zena iraun zuen, baina The Hillseko egoiliar baten ikuspegitik anekdota bat baino besterik ez litzateke. Noiz amaitu zen haien arteko intimitate une hura ezingo zuten zehaztu ez Fidelek ezta Paulek ere, ezta zein baldintzetan gertatu zen azaltzen ere ezingo ziren ados jarri. Amaieraren arrazoiak, denborak ilundu bazituen ere, nahiko lausoak izan ziren orduan jada, haien bien bertsioak elkarren artean antzekotasunen bat izateko. Fidelek ez zuen inoiz argi izan elkarrekin apurtu zuten edo ez, ezta zein arrazoirengatik ere, baina bai gogoratzen zuela bikote bat edukitzea ez zetorrela bat berak garai hartan egin, bizi, ezagutu, esperimentatu nahi zuenarekin. Hala ere, aldi berean, “nik ez dut ezer gehiagorik nahi” esaldia momenturen batean Paulek esan zuela gogoratzen zuen ere. Fidelen oroimena, dena dela, ez zen fidagarriegia eta ezin zitzaion eskatu lau hamarkada lehenagoko gertakizunak berreraikitzea. Behin intentsitatea urtuta, perspektibak murriztuta eta esklusibotasuna lehertuta, Fidel eta Paulen arteko intimitateak ez zuen historiara igaro. Bien kontzientziaren zokoren batean ezkutatuta iraun zuen eta noizbehinka azaleratzen zen, haietako bakoitzak bere aldetik zeraman bizitzaren erdian. Horrexegatik Paulen galdera pixka bat histrionikoa zen, baina hori Fidelek bakarrik suma zezakeen. – Ez zintudan hau bezalako leku batean irudikatzen –esan zion Fidelek Pauli-. Adin honetan senar bat izango zenuela suposatzen nuen, landa etxe batean biziko zineten, lorategia zaintzen zu eta senarra konponketak egiten edo sukaldean. – Nork esan behar dit horrelako zerbait, eta zuk! –Erantzun zuen Paulek.- Nik ezagutu nuen otso bakartia, soziopata misantropo hura, orain bere borondatez bere arrazako beste hamabi lagunekin elkarbizitzen. Ez al da barregarria? – Barregarria dena gu biok hain justu hemen eta orain elkarrekin topo egitea da –jarraitu zuen Fidelek-. Badirudi patua gu elkartzen ahalegintzen ari dela, nahiz eta gu elkarrengandik aldentzen saiatu. – Ez zara ligatzen ariko, ezta? – Ni? Ez zaitez zure trikimailuekin hasi. Ziur ez zarela zu niri segika hona iritsi dena? Ez dago beste azalpen sinesgarririk, leku honek ez baitauka zerikusirik zure nortasunarekin. – Arazo larri bat daukazu zure egoarekin eta artatu beharko zenuke, baina hori ezta ere ez da ezer berririk. – Bagaude eztabaidatzen? Hain laster? – Esango nuke gure arazoa zera dela, orain dela berrogei urte itxi gabe utzi genuen elkarrizketa bat luzatzen ari garela beti, eta, nahiz eta pertsona helduak izan, orduan ginen gazte sasijakintsu eta gorrotagarriak bezala jokatzen dugula gure artean, gainerako jendearekin egiten ez duguna. – Askotan esan dizut nik gauza bera. Beraz, zure partez hitz egin eta ez nazazu ni zaku berean sartu. – Has gaitezen berriro. Garen pertsona helduak bezala hitz egin dezagun. Sendiari buruz galdetuko diogu elkarri? – Ez dut zurekin protokolozko harremanik izango, adinekoen egoitza batean bizilagunak izan arren. Lotsagarria litzateke, gu bion arteko tratua eskaileran gurutzatzen diren bi auzokideena balitz bezala. – Iraindua sentituko nintzen halakorik egingo bazenu. Ohean bukatu zuten. Halabeharrez. Biek ala biek bazekiten hasiera batetik, inaugurazio egunean elkar ikusi zutenetik, hura izango zela gertakizunen bilakaera. Ezki azpitik jaiki eta Fidelen gelara joan ziren. Lekukoren batek ate haren atzean –eta alfonbraren gainean, izaren artean, dutxaren azpian- gertatutakoa ikusi balu, ez zuen narraziorako beharrezko ez litzatekeen xehetasunik deskribatuko eta, hortaz, ez zuen aspalditik barne-barnetik elkar ezagutzen zuten azalen –azal zimelen- arteko talka aipatuko, nola azalek berriz elkarrekin topo egitearen poztasuna adierazten zuten, izerdia, erauzia, humore anitzen hezetasuna, gorputz baten alde ganbilen zabaltzea bestearen alde ahurren bila. Lekukoak, xehetasun horiek guztiak alde batera utzita, gorputzek lurralde aliatu batean dagoenaren segurtasun lasaigarriaz jokatu zutela esango luke, norberaren etxean dagoenaren sentsazioarekin. Gorputzen neurrigabeko adierazgarritasunari ez zion espero zitekeen depresioak jarraitu, ezta erru sentimendu deseroso batek edo ihes egiteko eta gertatutakoa ahazteko gogoak ere; lasaitasun beatifiko batek, gailur bat lortu duenaren antzekoa, baizik. Eta bien aldetik. Aitortzak eta nostalgia etorri ziren ondoren, loak hartu zituen arte. VII The most nightmarish feeling in the world is suddenly to feel like throwing up in front of four thousand people. Munduko sentsaziorik amesgaiztokoena lau mila pertsonaren aurrean bat-batean botaka hasteko gogoa izatea da. JUDY GARLAND Hiri hura herri bat zen. Ez zen hori Fidelek aurretik ez zekien gauzarik, baina The Hillsera iristean aurkitu zituen aurpegiak –ezagutu zituenak- baieztatu zioten: hiri ustez kosmopolita hura, hiriburu finantzario handia, izatez, bizilagun guztiek elkar ezagutzen zuten herrixka bat baino besterik ez zen. Eta hiriko gay komunitatea –horrelako zerbait benetan existitzen bazen-, bere burua anitz eta kosmopolitatzat baita bazeukana, ez zen parrokia abesbatza bat baino ugariagoa. Aurpegi ezagunen batekin topo egingo zuela espero zuen, logikoa zen, baina ez hirutik batekin, hori baitzen kalkulatu zuen proportzioa. Ez zen garrantzi handiko arazo edo eragozpenik, baina nahiago izango zuen ezezagunen artean egotea, hutsetik hasteko parada eskainiko zion jendeaz inguratua, urtetan higatutako harremana zeukan jendeaz baino. Sentsazio honek Fidelen antsietate sozialaren adierazgarri bat zen, berak hain ondo ezagutzen zuena eta ekiditen saiatzen zena. Zeren, nork ziurta zezakeen balizko ezezagun haiek ez ote ziren ezagutzen zituen gayak baino jasangaitzagoak? Fidelen benetako beldurra, The Hillsen sartzeko erabakia hartzeko zalantza ugari eragin zizkiona, gay mota jakin batekin topo egitea zen, zeinarekin sekula ez zuen harremanetan sartzeko gogo handirik izan eta are gutxiago bere adinean. The Hills gay munduari zehazki zuzendutako eskaintza berritzaile bat izanik hirian, “berrienaren”, “azkenekoaren” maitale ziren gayak erakarriko zituen halabeharrez, beti urakanaren begian egoteko premia sentitzen zuten gayak, nahiz eta urakana adinekoen egoitza bat baino besterik ez izan. Mota honetako gayekin topo egitearen beldur zen Fidel, kontsumoari, “esklusibotasunari”, arrandiari atxikita zeuden gayak, etengabe foku baten azpian egon nahi zutenak eta atentzioa eskatzen zutenak. The Hills egoitza iragarri zen modua ikusita, talde horri zehazki zuzendutako proiektu bat zirudien; zeren, “ikusgarritasun” kontzeptua bera jaio zen unetik, hedabideek eta merkataritza markek talde –zorionez- murritz horrekin identifikatu baitzuten gay kolektibo guztia. Armand Bassi eta Moschino jantzi zituen gayak, Ibiza eta Mykonosen oporretan zihoan gayak, Gucci eta Louis Vuttonenak, tupearenak, abenduan orkatilak biluzik zeramatzanak, inork baino lehen Iphone bat erosi zuen gayak eta smart watch bat ere erostera iritsi zenak… guztiek, bat bera baitziren, The Hillsen gela bat erreserbatuko zuten. Beldurgarria. Inaugurazioaren egunean Fidelen beldur hura konfirmatu zen. Bazkalorduan, jangelako mahaian, berak “gay mundutxo” izenarekin ezagutzen zuen kontzeptuaren bi ordezkarirekin topo egin zuen, bata bestearen alboan eserita –“gay mundutxo” esapidea aspaldi entzuna zion norbaiti eta hain lotsagarria iruditu zitzaion, ordutik aurrera berea egin zuela-. Borja eta Dylan ziren, gaztarotik, ia nerabezarotik Fidelen bizitzan hamaika alditan eta egoera oso ezberdinetan gurutzatu ziren tipo bi. Fidelek ez zekien haiekin lotzen zuen harremana definitzen. Ez ziren adiskideak, baina noizbait haien arteko harremana ez zen izan soilik klub batean edo taberna batean astebururo aurkitzen direnena. Hori bai, zalantzarik gabe ziurta zezakeena zera zen, haiekin batera egon zen bakoitzean, beti, gutxienez deseroso sentitu zela, haserre bukatu ez bazuen. Eta orain pisukide izango ziren. Eta haiei iskin egitea zaila gertatuko zen. Nola egin ahal zaio ezikusiarena bere bizitza osoan ikusia izaten ahalegindu den norbaiti? Borja eta Dylanekin bizitzea Osborneren zezenarekin eta Michelin panpinarekin bizitzea bezalakoa izango zen, tamaina naturaleko iragarki deigarri pare batekin, alegia. Burutazio hauek ezin zituen uxatu Fidelek eguerdi hartan. Larruzko sofa batean etzanda irakurtzera jaitsi zen areto nagusira, eta, kasualitatez, aretoan ez zegoen Borja eta Dylan baino beste egoiliarrik. Eta gainera bisita zeukaten. Irakurketan murgildu nahi zuen Fidelek, baina ezin zen kontzentratu. Inaugurazio eguneko harrera bazkarirako antolatu zuten mahai erraldoia egun berean zatitu zuten eta, orain, areto nagusia bitan banatua zegoen: jangela bat, lau pertsonentzako lau mahai zeuzkana, eta egongela bat, sofa eta besaulki ugarirekin mahai baxuen inguruan. Fidel aretoan sartu zenean, Borja eta Dylan txoko horietako batean eserita ikusi zituen andere edo andereño batekin, bisitan joan zitzaien lagun bat zirudiena. Hirurak The Hillseko katuari losintxak egiten ari ziren –Alaini katuaren izena “Liza” zela entzuna zion Fidelek, bikote sustatzailearen beste “aurkikuntza” bat gay izenak jartzen-. Katuak ez zuen alde egiten, baina ez zirudien lar pozik egoerarekin ere, hala ere hirukoteari katuaren jarrera axolagabeak Groucho Marx bezain barregarria iruditzen omen zitzaien eta algaraka barre egiten ari ziren. Fideli bururatu zitzaion berak ere antzera barre egingo zuela Lizak begietan atzaparka egingo balie. Hirurei. Fidelek urrundik agur egin zien, heziketa arauek eskatzen duten gutxieneko begirunearekin, eta sofan hondoratu zen. Hirurek –bisitak ere- agurrari erantzun zioten euren neurriz kanpoko barre algara eten gabe. Zer egiten zuten haiek biek batera? Une oro. Bikotea ziren ala? Ez, ezin zitekeen. Fidelek zekienagatik –eta haietako bakoitzari buruz zerbait baino gehiago bazekien- lagunak ere ez ziren inoiz izan. Fidelek gogoratzen zuenagatik elkarren aurkariak izan ziren, eta behin baino gehiagotan batak bestea larrutzen entzun zituen. Eta orain bikiak ziruditen. Litekeena zen ez zutela euren gogoko beste inor aurkitu The Hillsen, edo, ziurrenik, The Hillsen beste inork haiek gogoko ez izatea –ongi begiratuta, gauza bera ziren aukera biak-. Fidel halako hausnarketetan zebilela konturatu zen, irakurtzen hasi gabe, eta alferrikako erresumin hura nondik zetorkion eta nola kontrola zezakeen aztertu beharko zuela erabaki zuen. Zer esan Borjaren inguruan. Fidelen oroimenak itoginak zeuzkan, baina ez Borja ez gogoratzeko bezain bestekoak. Ez zuen Fidelek Borja gogoratzen momenturen batean adiskide izan zirelako, Borja mundu guztiak ezagutzen zuelako baizik, edo, hobe esanda, Borjak mundu guztia ezagutzen zuelako. Borjak asmatu zuen “gay mundu” edo “gay mundutxo” kontzeptua. Inork ez zion aurkikuntza hori sekula leporatu ezta berak bere buruari egotzi ere, baina bere buruaz mintzatzen zenean –bere mintzagai faboritoetako bat, bere adiskide dirudunen gaiaren parean- erraza zen imajinatzea uneren batean edo bestean Borja tamaina horretako boutade bat jaurtitzeko gai zela, batez ere solasa alkoholez edo izarren hautsaz lagunduta bazegoen. Eta noizbait hiriko gay mundutxoaren eraikuntza bere lana zela esatera iristen bazen ere, inork gutxik gezurtatuko zion. Azken finean gay munduaren kontzeptua ez zen, aspalditik, eskubide zibilen aldeko borrokarekin harremana zeukan zerbait, eta, ostera, sexu joera homosexualeko eta kontsumo ahalmen altuko publikoari zuzendutako negozio multzo batekin identifikatzen zen aspaldidanik. Eta gay munduaren kontzeptu murritz eta murriztaile horren jaiotzaren unean bertan zegoela, ezin zion inork Borjari ukatu. Harreman Publikoetan lan egiten zuen Borjak, PPRR zen, horrela, hizki larritan, eta ikusgarritasun kontzeptuaren egunsentiaren garaitik izan zen; homosexualitatea norberaren intimitatean ezkutaturiko zerbait, adierazi eta partekatu ezin zitekeen zerbait izateari uzten hasi zion unetik; txoko ezkutatu, ilun eta erdi klandestinoetako zerbait izateari utzi eta kale eta etorbide nagusietara zabaltzen hasi zenean, aldarrikatu, gozatu eta partekatu beharreko zerbait bezala, azkenik modernitate eta dibertsioaren adierazgarri nagusi bilakatu arte. Bertan egon zen Borja, gay publikoari zuzenduta hirian zabalduz joan ziren modernitate eta glamour itxuradun lokal guztietan. Eta, batez ere, arrakasta izan zuten guztietan egon zen, errentagarriak izan ziren guztietan, leporaino betetzen zirenetan, euren sustatzaileei lokal berri, handiago eta masiboagok edo elitistagoak zabaltzeko aukera eskaini zietenetan. Eta baita, ostalaritza eta gau aisialdiaren mundutik haratago, haien ondoren, eta haien arrakastari jarraika, gay friendly etiketarekin nabarmendutako negozio mota berrietan, arropa dendetatik hasita eta hedabideetaraino, bidaia agentzietatik eta osasungintza pribatutik ere igarota. Bertan egon zen Borja, hasiera batean mugimendu libertario eta bakezale bat zena merkatuko segmentu bat bihurtu arte gertatutako bilakaeraren mugarri guztietan, bere harreman publikoetarako trebetasuna oso errentagarria izan baitzen beti gay friendly negozioen enpresarientzat. Sare sozialak existitu baino askoz lehenago Borjak hiriko gay guztiak ezagutzen zituen, edo behintzat armairutik eta euren etxeetatik irteteko prest zeuden guztiak; haien izenak ezagutzen zituen –eta gogoratzen- eta haien telefono zenbakiak ere, eta edozein edukierako lokalak leporaino betetzeko gai zen. Ez hori bakarrik, hiriko celebrityak ere liluratuta zeuzkan -famatu edo famatutxo deitzen zitzaienean- eta Borjak gonbidatzen zituen ekitaldi guztietan agertzen ziren, eta horrela ekitaldi haien berri hedabide guztietan ateratzen zen. Eskatzen ziotena ematen zien Borjak enpresariei, modu ezin argiagoan planteatuta, Fidelek behin entzun zion esaldiarekin: “Zer nahi duzue, kantitate edo kalitatezko jendea?” Zeren, Borjaren eraginkortasun profesionalaren arrazoietako bat betidanik bereizketa horiek egiten jakitea izan baitzen; beste edonork klasismotzat edo bereizkeriatzat hartuko lukeena, lotsarik gabe erabiltzea eta aurreiritziak alde batera uztea, lanaz ari zenean. Horrela, hiru mila lagunentzako edukiera zeukan lokal berri bat bete behar bazen, eta horretarako konpetentziari bezeroak kendu eta lokalak hustu behar bazitzaizkion, Borjak egin zezakeen. Artalde batean bezala iritsiko ziren hiru mila bezeroak lokal berrira, eta arkume haietako bakoitzak bere burua pribilegiatutzat izango zuen, modako lokalerako sarrera ordaintzeko aukera izateagatik soilik. Aitzitik, arropa marka batek denda baten inaugurazioa antolatzen bazuen eta hedabide guztiak etortzea behar bazuen, Borjak edukiera murritz hura famatuz eta hiriko gay jet-set hasiberriaz osatua egotea lor zezakeen. Eta guztiei esklusibotasunak eragindako hotzikara sentiaraziko zien, poztasun eta erruduntasunaz erdibana osatutakoa, harrotasunez eta lotsaz. Gonbidatuetako bati ere ez zitzaion burutik pasatuko gonbidapenari uko egitea, etxean geratzeko edo –hau sekula ez!- beste ekitaldi batera joateko. Borjak, ziurrenik, hiriko hogei urte baino gehiagoko eta laurogei baino gutxiagoko gizon homosexual guztien izenak jakin eta gogoratu zitzakeen, eta, behar izanez gero, mila gonbidatuko ospakizun batean, bera balitz antolatzailea, haien izena erabiliz gonbidatu guztiak aurkezteko gai izan zitekeen, nahiz eta haietako batzuekin bere bizitzan behin soilik hitz egin bazuen ere. Baina era berean, gonbidatu haietako askorekin kaletik gurutzatzean, haiek ez agurtzeko edo ez ikusteko kapaza zen ere. Ezinezkoa gertatzen zitzaion ezagutzen zuen mundu guztia agurtzea. Hainbeste jende ezagutzen zuen-eta. Lotsarik gabe pertsonen artean bereizketak egiteko erraztasun hau deformazio profesionala ote zen edo, ostera, Borjaren beraren ezaugarri bat, ez zegoen jakiterik; baina, kasua zen, bere jardueran arrakastak ekarri zizkion ahalmen hura hain justu, Borjaren alderdi gogaikarri bat zela bere bizitza pertsonalean. Izan ere, Borjak ez zekien bata bestearengandik bereizten. Gizarte ekitaldi batean zegoen bakoitzean, nahiz eta lagun minekin izan, kuttunenekin ere, ezin zuen bere PPRR aldea guztiz ahaztu. Beti zegoen erne gizarte harremanetatik erator zitezkeen lan aukeren bila, harreman hori urtebetetze ospakizun pribatu bat edo gimnasioan ezagun batekin topo egitea baino besterik ez bazen ere. Eta beti erne zegoenez, inkontzienteki eta automatikoki, gizarte egoera horietan ere, inaugurazio baterako gonbidatuen zerrenda osatzerakoan erabiltzen zituen iragazki berak erabiltzen zituen. The Hillsen, bere etxe berrian, portaera bera izan bide zuen. Normala orduan lagunik ez egitea. The Hillsen porturatu ziren “gay mundutxo” kontzeptu arrotzaren bi ordezkari esanguratsuetatik Dylan zen bestea. Moda diseinatzailea izan zen Dylan. Beste topiko bat, noski, Fashion Channel telebista katea ikusten zuen haurra, hura oraindik existitzen ez zenean, Vogue aldizkaria erosten zuena igandeko sariarekin, eta zeinari bere eskailerako emakumezko bizilagun guztiek iritzia galdetzen zioten ongi jantzita joan beharreko konpromiso bat zeukatenean, hala nola, ezkontza bat, Gabon Zahar festa bat edo mamografia bat. Bada, ez, Dylan ez zen haur hori izan. Haur hori ez baita existitzen, telebistako gidoilari alferren irudimenean izan ezik. Dylanek ez zion sekula Olentzerori josteko makina bat eskatu eta gurasoak lotsatu, haiek atoidun kamioi bat eskatu izana nahiago izan zutelako. Ez. Eta ez zuen Christian Dioren Haute Couture jantzi bat josi zortzi urterekin. Gaztetxoa zenean, Dylanen modarekiko zaletasuna kirolekiko zeukanaren parekoa zen, hots, bost axola zitzaizkion bata zein bestea. Gaztetxoa zenean Dylanen zaletasun nabariena haxixarekikoa zen. Eta ispiluarekikoa. Ispiluetan bere irudia begiratzea, behatzea, maite zuen. Eta jendeak hari begiratzea maite zuen ere. Dylan oso-oso ederra baitzen orduan, The Hillsen garaian ezagutu zuen edonorentzat hau nahiko sinesgaitza izan arren. The Hillsen agertu zen Dylan haren latex mozorroren antzeko aurpegia, moketa sintetiko itxuradun ilea, Roca markadun hortzak eta gainerako delituak, izatez, Dylanek bere itxura fisikoarekin zeukan obsesioaren ondorio ziren; Munchausen Sindromedun ama baten ardurak bere seme-alaben osasunean dauzkan ondorioen antzeko zerbait. Bere aurpegiarekin eta bere ilearekin hain maiteminduta egon zen bere bizitza guztian zehar, hainbeste zaindu zituen eta hain sutsuki, ezen azkenean hondatu eta zerbait nazkagarri bihurtu zituela. Baina Dylan gaztea aingerutxo bat zen, edertasun gozo, samur, erakargarri eta limurtzaileduna; eta gainera, Scarlett O´Harak Hamabi Haritzen jaian zeukan karisma eta gizarte abilezia berberak zeuzkana. Aurkezpen txartel ezin hobea, jakina, gay giroko lokaletara joaten hasi zenean. Mundu guztiak bere laguna izan nahi zuen, bere telefonoa jakin, mutil nagusiagoek kopatara eta izarren hautsera gonbidatzen zuten, eta bera zoriontsu zen guztien atentzioaren helmuga izaten. Garai hartan, Dylan eskolako autobusetik jaisten zenean mutil eta gizon ezezagunen taldeak zain zeuzkan, haren edertasunaren inguruan zabaldutako zurrumurrua benetakoa ote zen euren begiekin baieztatu nahian bildutakoak. Hau guztia sare sozialak eta biralizazio kontzeptua oraindik existitzen ez ziren garai batean. Eskolan bukatu zuenean, Dylan ez zen moda denda batean lanean hasi, eta ez zitzaizkion horrela bere bokazioa eta talentua piztu. Ez. Dylan unibertsitatean matrikulatu zen enpresen kudeaketa ikasteko eta, aldi berean, aitaren enpresan lanean hasi zen, postontziak fabrikatu eta saltzen zituena. Karrera amaitzea ez zuen lortzen eta ez zen lana bilatzeaz kezkatzen, jada lana baitzeukan, Max ezagutu zuenean, urte askotan bere bikotekidea izango zena eta bazkidea askoz gehiagotan. Maxek bazekien josten. Arte Ederrak ikasi zituen eta diseinuan berezitu zen Florentzian. Horraino betetzen zuen Maxek diseinatzaile gaztearen estereotipoarekin, hortik aurrera, beste edozertan, bera bezalako beste bokaziodun couturierengandik nahiko ezberdina zen. “Diseinatzaile berri” guztiek normalean euren sorkuntzen erakusleiho ibiltari bat dirudite, baina ez Maxek. Mutil herabe bat zen Max, gauez irteten zenean ikastetxe pribatu batetik irten berria balitz bezala janzten zena. Gay lokaletan beti arreta zentroa ez izateko zoko bat bilatzen zuen, baina aldi berean ikuspegi orokor bat ematen ziona. Agian horrek erakarri zuen Dylan. Max izan zen Dylanengana gerturatzeko maniobrarik sekula saiatu ez zuen lokaleko bakarra, haren atentzioa deitzen ahalegindu ez zen bakarra, telefonoa eskatu ez zion bakarra. Hortaz, Dylan izan zen Maxengana hurbildu behar izan zena. Maxen ahotik entzun zituen lehenbiziko aldiz Dylanek ez soilik Vionnet edo Kawakuboren izenak, baizik eta Balenciaga eta Pradarenak ere. Eta Maxekin sortu zuen Dylanek aberats eta ospetsu bihurtuko zituen moda etxea: UpToDate. Maxen sormen-dohainak eta Dylanen gizarte harremanetarako abileziak koktel arrakastatsua osatu zuten hasiera hasieratik. Maxen sorkuntzek Palm Springs eta The Hamptonsen erreferentziak zeuzkaten, Saint Tropez edo Portofinorenak, Grace Kelly, Sandra Dee edo Brigitte Bardot bezalako ikonoenak, baina baita Margaret Printzesarena edo Sunny von Bülowrenak. Berritasun eta esklusibotasunez janzteko irrikan zeuden bezero potentzialek erreferentzia aberats guzti hauek ulertzeko gai ez baziren, Dylanek pertsonalki eta arretaz azalduko zizkien, bere limurtze ahalmen guztia erabiliz. Barra-barra iritsi zitzaien dirua. Euren lehen diru sarreren iturria hiriko burgesiako emakume gazteak izan ziren. Neska(tila) hauentzat ez zuen etxeko betiko jostunaren trebeziak balio -hori amentzat geratzen zen-, baina arropa gaztearen nazioarteko marka handien eskaintzak ez zituen asetzen ezta -nahiz eta azken hauek prezioak neurrigabe garestitu “popularregiak” ez izate aldera-. Zerbait berri eta ezberdin nahi zuten. Alexander MacQueen edo Tom Forden pareko norbait aurkitzearekin egiten zuten amets, jantzi esklusiboak diseinatuko zizkien norbait, bai euren amengandik eta bai beste gizarte mailetatik bereizteko jantziak, jantzi modernoak baina inguru kontserbadoreetan onargarriak. Baina batez ere diseinatzailea pertsonalki ezagutzearekin egiten zuten amets, hura euren adiskide zirkuluetan sartzearekin eta, zergatik ez, bere musa izatearekin. Bada, UpToDate amets horien gauzatzea izan zen haientzat. Jantziak Maxek jartzen zituen, abilezia soziala, Dylanek. Bezeroek diseinatzailea ezagutzen zutela esaten zutenean, Dylan zen ezagutzen zutena. UpToDate Wham izan balitz, Dylan George Michael izango zen. Prest zegoen beti Dylan koktel, afari, inaugurazio edo estreinaldietara joateko, bezeroak eta bezero izan behar zutenak losintxatzeko, haien arazoez arduratzeko –haiek arazotzat zeuzkatenez, mizkin eta gogaikarriak baziren ere-, edo senarrengandik arreta gehiegirik jasotzen ez zutenen laguntzaile izateko ere. Fidelek entzuna zuen noizbait UpToDateren bezero esanguratsuenetako batek, hedabide guztietan markarekin erlazionatzen zutena, ez zuela dirutza lotsagarri bat haien jantzietan xahutzen diseinuak gustuko zituelako, Dylanen besotik helduta gizarte ekitaldietara joateko pribilegioaren ordainean baizik. Lekuko arrakasta hari nazioarteko jauzi izugarri batek jarraitu zion. Modaren Biblietako batean –newyorktarrean- argitaratutako iruzkin bat eta argazki batzuk izan ziren gertakari eraldatzailea. Aldizkariak erredaktore hasiberri bat agindu zuen hiriko modaren astearen berri emateko, modaren errebaletako lekukotza bitxiren bat baino besterik ekarriko ez zuelakoan. Baina bertan zeuden Maxek sortutako bilduma eta Dylanen limurkerietarako eta auto-marketinerako talentu zerutarra. UpToDatek Biblia newyorktarrean orrialde erdia lortu ondoren, gainerako moda aldizkarietan, bai haren parekoetan eta noski haren atzetik beti zebiltzanetan ere, aurkikuntzaren oihartzuna entzun zen. UpToDatek bazeukan bere izena. Laster inbertsiogile baten eskaintza iritsi zitzaien, nazioarteko mailan ekoizpena eta distribuzioa bermatuko ziena, eta harekin batera etekinak, bidaiak, adiskide berriak, bizimodu berriak. Dylanek betidanik, nerabezarotik, erdietsiko zuela bazekien bizitza erdietsi zuen, nahiz eta inoiz ez zuen pentsatu moda industriari esker lortuko zuenik. Urte haiek hedonista eta azalekoak izan zirela esango luke baten batek, edo, moralismoan haratago joanez, likitsak eta gehiegikeriaz beteak izan zirela, baina izatez lan urteak izan ziren eta oso dibertigarriak. Dylan kopetaraino murgildu zen bizimodu hartan, berarentzat krema hidratatzailean murgiltzea bezain atsegina baitzen. Eta bitartean, Max oraindik bere bikotekidea zela ahaztu bide zuen. Honek bere sorkuntza lanean jarraitu zuen buru belarri, baina mundu berri hartan arima biki bat aurkitzeko aukera izan zuen. Zinemarako jantzien diseinatzaile bat zen. Harekin, esaterako, Irene Sharaff baten lanarengatik sentitzen zuen grina partekatu zezakeen, eta islatua sentitzen zen eta ez freaky bat balitz bezala epaitua. Dylani, antza, hausturak ez zion kalte handirik eragin –bikote harreman batean zegoela ahaztuta zeukala esan zuten zenbaitzuek-, bien arteko lan harremanak ordura arte bezala jarraitu baitzuen. UpToDateren gainbehera eta desagerpena ez zituen bikote krisi batek eragin. Gizartearen eta moda industriaren bilakaerak, mende hasierako ekonomia krisiak, kontsumo gidalerroen aldaketak esklusibotasunetik emulaziora, informazioaren hazkunde ultra-esponentzialak, kazetaritza eta edizio tradizionalen iragazkirik gabe komunikatzeko bide berriek –sare sozialak, community managerak, hitzen erosketak-, Cristiano Ronaldo edo Kim Kardashian bezalako estilo eredu berriek –UpToDateren estilotik argi-urtetara zeudenak-… Azken finean, denboraren, zahartzearen, Historiaren ondorioz UpToDatek bere izenaren mailan egoteari uzten joan zion, eta salmentek behera egin zuten. Enpresa ixteko erabakia hartu behar izan zuten, galerak pilatzen ez jarraitzeko. Bazkideek arrakastaren urteetan pilaturiko errentetatik bizitzen jarraitzeko gai izan ziren, eta, Maxi buruz besterik ez badakigu, Dylanek The Hillsen porturatzen bukatu zuen. Txoriburu haiek, dena dela, nolabaiteko erakarpen indarren bat izan behar zuten, Fidelek ez baitzuen lortzen irakurketan kontzentratzea eta bere egongelako bizilagunen elkarrizketa aditzeari ezin zion utzi, inolako interesik ez bazion aurkitzen ere. – Orduan, lokal honetan neskak ez dituztela onartzen diozue? –Bisitariak galdetu zuen, Liza besapeetatik heltzen zuen bitartean, Sinba balitz bezala.- – Gelaren bat libre gelditu balitz ez dut uste eragozpenik jarriko zizutenik –erantzun zion Borjak-, baina di-da batean amaitu ziren antza, eta ez zuten negozioaren jatorriko ideiari salbuespenak egiteko beharrik izan. – Jakina, betiko kontua –jarraitu zuen bisitak-, harri bati ostikada bat eman eta lau maritxu agertzen direla. Eskerrak ez zaretena ugaltzen! – Aizu, bestea! –Dylanek.- Zuk amatasun senik izan bazenu bezala. Inbidiak jota zaudela da gertatzen zaizuna. Erne egon bazina, eta eskakizuna garaiz bidali bazenu, ziur ez zizutela eragozpenik jarriko gela bat lortzeko. Azken finean zu beti izan zara emakumezko gorputz batean harrapaturiko gay bat. – Ez naiz inbidia ezkutatzen saiatu –erantzun zuen Lady Bisitak-, baina ez didazue ukatuko produktuaren diseinuaren akats bat denik, gelaren bat marizorri batentzat ez gordetzea. Ez dago behar bezalako maritxu talderik bere marizorria ez daukanik, eta sustatzaileek aintzat hartu beharko zuketen hori. Ez badiezue zuek esaten, nik esango diet. – Egia esateko, hanka sartze lodi batzuk izan dituzte negozioari maritxu itxura ematen ahalegintzean –Borjak berriz-. Maritxukeriatan aditu-adituak direnik ezin da esan. Hasteko, lekuari “The Hills” izena jartzea. Zer da hori, txantxa bat? Edo katu honi, Liza. – Kar-kar-kar! Marizaharrak! –Lady Bisitak barre egin zuen Liza ferekatzen zuen bitartean.- Ziur Dummientzako Maritxukerien Eskuliburuaren edizio oso zahar bat erosi zutela. Ez zien inork azaldu, Liza Minnelliren fan izandako azken gayak urte gehiegi daramatzala hilik, The Hillsera etortzeko gai izateko? – Horretaz aparte, haien marketin plana nahiko ondo dagoela esango nuke –Dylanek-. Ez dute soilik produktu egoki bat diseinatu, atsegin zaizkigun zerbitzu mordo batekin, ez dugu ukatuko. Gainera istorio oso bat asmatu dute, produktua bildu eta apaintzeko, eta lotura sentimentalak eragiteko. Argi dago nahiko azkarrak direla bikotetxo hau. – Katuaren inguruan ere istorio bat asmatu dute, zeinak, bide batez, aurpegia atzaparkatuko dizu azkenean –Borjak-, etxe honetan dagoen guztiak samurtasuna eta giro ona eragin ditzan. Kontatuko dizut: lehenengo egunean, Liza egongelan agertu zenean, Alainek esan zigun umezurtz gaixo bat zela, kaletik erreskatatu zutena. – Ba orduan Annie deitu behar izan zuten! – Zu bai zarela zaharra. Adi. Alainek esan zigun etxea erosi zutenean inguruko orubea zabortegi bat zela eta katu alderrai ugari bizi zirela bertan. Haren hitzetan, obrak hasi zituztenean, zabortegi-lorategiko zoko batean katakume jaioberri bat aurkitu zuten garrasika. Antza, amak zoko hartan erditu zuen eta makinen zaratak izututa ihes egin zuen eta kumeak eraman zituen. Bat izan ezik, gizajea. Noski, Alain eta Elenek, hunkituta, umezurtz gaixoa adoptatu zuten eta biberoiz elikatu zuten. Eta umezurtz hori orain gure Liza da. Eta zutaz kopetaraino dagoela esango nuke. – Kar-kar-kar! Baina katu hau arrazakoa bada, urrunetik nabari daiteke hori! Katu honen kumeek, eugenesiaren merkatu ilun horretan, oinarrizko soldataren hirukoitza balio dute. Zertarako kontatzen dizkizuete horrelako gezurrak, ezinezkoa bada zuek halakorik sinestea? – The Hillsen den-denak alde sentimental bat izan dezan, suposatzen dugu –Borjak-. Horrela The Hillsekin daukagun lotura gogorragoa eta sakonagoa bilakatzen da eta bertatik aldentzea zailagoa bihurtzen da. – A ze gezurti parea! –Bisitak.- – Gezurtiak, bai, baina azkarrak –Dylanek-. “Edo azkarrak baina gezurtiak” pentsatu zuen Fidelek, ezin izan baitzuen bere aurreiritzietan ele-mele ganoragabe eta gogaikarri bat izan behar zuen hura aditzeari utzi. VIII I’m not young. What´s wrong with that? Ez naiz gaztea. Zer arazo dago horrekin? VIVIEN LEIGH Alain eta Eleneren beste ideia handietako bat beheko solairuko geletako bat, etxea eraiki zenean patriarkaren bulego eta erretzeko gela izandakoa, joko areto bat bihurtzea izan zen. Salmentan zegoen eraikina lehenbiziko aldiz bisitatu zutenean, eta gela hartan sartu zirenean, lord ingeles baten irudia etorri zitzaien burura, Pall Malleko bere klubean larruzko besaulki batean eserita, tweedezko jaka, txalekoa eta katedun erlojua jantzita –monokuloa klixe horren gehiegizko barrokismo bat zen-. Irudi hori oso gay zela pentsatu zuten, pertsonaiaren afektazioagatik agian, eta The Hillsen lekua izan behar zuela erabaki zuten. Sustatzaile bikoteari ezin ukatu zitzaiena haien irudimen oparoa zen. Izan ere, urratutako lau eserleku, pipiak jandako apal bat, alfonbra burusoil bat eta pilatutako dozenaka liburu zaharrekin baino besterik ez baitzuten topo egin, hori guztia hezetasunak zikindutako lau hormen artean, zoru erdi ustel baten gainean eta urtetan gizendutako hauts geruza batez estalita. Osasunaren aurkako akaroen fabrika hura noizbait “My Fair Lady” edo “The Age of Innocence” filmetatik ateratako saloi bat izan zela irudikatzeak, aditu mailako irudimena eta abstrakzio ahalmena behar zituen. Aurkitu zutenaren eta euren buruan irudikatu zutenaren arteko aldea siderala bazen ere, Alainek eta Elenek ez zuten birgaitze aurrekontua handitu behar izan gela hura txukundu eta Pickwick Klubaren antzeko zerbait bihurtzeko: eserlekuak, apala eta alfonbra berritu zituzten, baina ez erabat, itxura vintage bat gorde zezaten, eta hormak berde ilun maskulino eta modaz pasatakoaz margotu zuten. Mahai baxu pare bat gaineratu zituzten, xake eta backgammon taula banarekin, eta billar mahai deigarri bat. Amerikarra. Erabat asmatu zuten, onartu beharra zegoen. Beste hainbat kasutan haien intuizioak huts egin bazien adineko gayen gustuak antzematen, billar mahaiarekin ituan jo zuten, oker aukeratu bazuten ere: Britaniar Inperioko zaldunen klub bateko irudian agertu beharreko billar mahaia frantsesa izan behar zuen, ezinbestez. Irudia kopiatzean huts egin zuten baina ituan jo zuten, egoiliarrek amerikar billarra soilik zutelako atsegin. Fidel billar partida bat jokatzeko asmoarekin jaitsi zen joko aretora eta Wallacekin topo egin zuen, xakera jokatu nahi zuena. Backgammon partida bat jokatzea erabaki zuten, haiek biek bezalako adineko pertsona gay bien arteko hartu-emanak ulertzen ohituta ez zegoen edonorentzat, ulertezinak ziren arrazoiengatik. Elkarren trebetasun eta abilezien ebaluazio azkar bat izan zitekeen arrazoi nagusia. Aurretik ez zuten inoiz elkarrizketa luzeegirik izan bien artean. Lehen eguneko aurkezpenetan bakarrik hitz egin zuten eta ordutik zekien Fidelek Wallace ingeniari erretiratua zela, dibortziatua –emakume batengandik- eta hiru seme-alaben aita. – Nondik dator zure izena? –Galdetu zion Fidelek, duelu baterako armak hitzartu izanak ematen duen konfiantzarekin.- Uste dut ez dudala izen hori daukan gure belaunaldiko beste inor ezagutzen. – Nire aitaren hautua izan zen. Ipar-amerikarra zen. Izatez, ni ere ipar-amerikarra naiz, haren partez. Ingeniari gazte bat zenean, Memphisen egoitza zeukan makineria astun enpresa batean lan egiten zuen eta Europako filialera agindu zuten, hots, hiri honetara. Lantoki berrian ama ezagutu zuen, bertan idazkari bezala lan egiten zuena. Elkarrekin maitemindu eta ezkondu ziren. Eta ni jaio nintzen. Eta Wallace jarri zidaten. Wallace Stevensen omenez izan zela esan zidaten beti, baina haren olerkiak irakurri nituenean ezin nuen sinetsi nire aitak haiek noizbait irakurri zituenik, ezta nolabaiteko eraginik izan zezaketela harengan. Aita gehiegi ez nuela ezagutu suposatzen dut. Antza, maitasuna amaitu zitzaien eta, nire aitak Estatu Batuetatik zekarren ezkontzaren kontzeptuan, hura arrazoi nahikoa zen dibortziatzeko, bera maitasunagatik ezkondu zela aldarrikatzen baitzuen. Laburbilduz, dibortzioa legeztatu eta gutxira dibortziatu ziren nire gurasoak, oraindik ohitura arrunta ez zenean. – Ni nire aititagatik naiz Fidel. Ez dago istorio berezirik atzean, nik dakidala. – Aita Estatu Batuetara itzuli zen eta berriz ezkondu zen. Birritan, izatez. Hurrenez hurrengo ezkontza horietatik lau neba-arreba dauzkat Estatu Batuetan. Ama ez zen berriz ezkondu. Dibortziatu ondoren familiaren etxea izandakoa saldu zuen eta aitita-amamekin bizitzera joan ginen. Nire aita beti arduratu zen nire heziketaz, hain urrun egonda ere. Amerikar Ikastetxearen faktura elitistak ordaintzen zituen eta nire emaitza akademikoez galdetzen zuen. Izan ere, hitz egiten genuen bakoitzean, bazirudien besterik ez zitzaiola axola. Eta osasuna, osasuna ere, baina nire osasunagatik amari galdetzen zion. Fidelek, fitxak mugitzen zituen bitartean, izenaz bakarrik galdetu zuela pentsatzen zuen. Pertsona baten izenaren istorioa azaltzea elkar ezagutzeko bide interesgarri bat izan daiteke, baina bide arriskutsu bat ere izan zitekeela ikasi zuen Fidelek arratsalde hartan. – Edozein psikologorentzat –jarraitzen zuen Wallacek nekatu gabe-, esperientzia edo trebezia handirik gabeko batentzat ere, erraza izango litzateke azaltzea zer gertatzen zitzaidan. Aitaren espektatiben mailan egoteko ahalegintzen nintzen eskolan; emaitza akademiko bikain batzuk lortzea, aitarekin geratzen zitzaidan lotura bakarra sendotzeko bidea zen niretzat. Eta, aldi berean, ama nitaz harro egotea behar nuen, bere ezkontzaren porrotaren ondorio bat baino besterik ez izateko. Edo holako zerbait. Dena dela, nire portaera zeharo ezberdina izan balitz, ustezko psikologo merke horrek ziur nire gurasoei eta haien dibortzioari errua botatzeko modua aurkituko zuela ere. Aita urrundu baten atentzioa eskuratzeko nire eskolako eginbeharrak alde batera uzten nituela; edo, nire ama, bere porrota ahazteko, lanean buru-belarri sartu zenez eta ez zenez nitaz behar bezala arduratzen, eta aitita-amamak zaintzen nindutenez, nire notak kaskartu zirela. Argi zegoen Wallacek buelta ugari eman zizkiola gai hauei bere buruan eta profesional bati baino gehiago azaldu zizkiola iraganean. Fidelek baietz zioen buruarekin eta fitxak mugitzen zituen. – Argudio freudiarrekin edo ez, nire notak hoberenak izan ziren beti. Inor ez zen kexu izan inoiz, ez gurasoak ezta aitita-amamak ere. Ez nion holakorik nire buruari permitituko. Horregatik ere karrera ustez zail bat hautatu nuen, eta nota bikainekin atera nuen. Eta handik aurrera, gizarteak nigandik espero zuena ere nota bikainarekin gainditu nuen. Hobe esanda, nire portaerarekin eta nire bizimoduarekin inor kexu izan ez zedin egin behar nuena egiten ahalegindu nintzen. Ingeniaritza eskolan nire emaztegaia ezagutu nuen. Turismo ikaslea zen bera, baina ikasketak amaitutakoan ez zuen lanik egin. Soldadutza amaitu nuenean ezkondu ginen (bai, soldadutza egiten azkenetakoa izan nintzen), eta obra publiko enpresa batean hasi nintzen lanean. Elizatik ezkondu ginen, jakina. Hiru seme-alaba izan genituen, mutila, neska, mutila; eta orain ikusita, distantzia apur batekin, nahiko amorragarriak izan behar ginen, zeren hirurek Mid Westeko hazpegi nordikoak atera baitzituzten, nahiz eta genetikaren legeei jarraiki probabilitateak oso eskasak izan. Partida hura ildo oso arrotzetatik desbideratzen zihoan. Fidelek Wallacen hitzaldia eten behar izan zuen. – Zure burua justifikatzen ari zara nire aurrean, Wallace? Argudio logikoak erabiltzen ari zara emakume batekin zergatik ezkondu zinen eta orain adineko gayen egoitza batean zergatik bizi zaren azaltzeko? Ez dakit gainerako bizikideek horrelako galderekin bonbardatu ote zaituzten, baina, gehiegi ez baditut ezagutzen ere, ez dirudite horrelako jendea direnik. Edonola, nik ez dut inolako azalpenik behar zure iraganaren inguruan. Eta azalpenik eskatuko banizu, kaiku bat nintzateke eta pikutara bidaltzeko eskubide osoa izango zenuke. Inori ez diozu azalpenik zor, zure emazte ohi eta seme-alabei ez bada. – Arrazoi duzu. Istorio bera hainbeste aldiz errepikatu dut, mundu guztiaren aurrean ondo geratzeko ahaleginean, ezen azkenean berez irteten zaidala. Barkatu, elkar hobeto ezagutzea nahi nuen, ez nuen arraroa izan nahi. Ezta astuna ere. – Ez kezkatu. Dena dela, kontatu didazunaren inguruan eta bizikide izateak ematen didan konfiantzarekin, hainbeste denboran zure sexu joeraz kontziente ez zinela sinesgaitza iruditzen zaidala esan behar dizut. Ni neu, zure sexu joera bera daukan hau, hamahiru urterekin banekien gay nintzela, eta aurretik ere banintzela badakit, betidanik izan naizela, nahiz eta lehenago ez nekien hori zer zen. Sinesgaitz iruditzen zait berrogeita hamar urterekin azalera daitekeen zerbait izatea, ordura arte isilpean mantendu den zerbait, birus bat edo sumendi bat bezala. – Badakit arrotz ematen duela, ez zara hori esaten didan lehenengoa, baina honaino iritsita gezurretan ez naizela ibiliko uler dezakezu. Gay erreprimitu baten bizitza izan banu, gizartearen presioagatik armairuan ezkutatuta bizi izan banintz eta armairuaren atea ostikada batez botatzea erabaki banu, antzezpen toxiko horrekin bukatzeko, ez nuke hori horrela izan zela kontatzeko arazorik. Egia da, galdetzen didazunari erantzunez, betidanik (nerabezarotik uler dadila) mutilek, eskola lagunek, neskek baino gehiago erakarri nindutela, baina hori mundu guztiari gertatzen zitzaiola uste nuen, arrunta zela. Laguntasunagatik edo gertutasunagatik, txikitandik zure joko lagunak izan zirenekin gusturago egotea normalena zela pentsatzen nuen; neskekin harremanetan sartzea obligazio bat zela, eginbehar bat, helduaroan datozen beste hainbat bezala. Ez nuen sentimen hau sexuarekin lotu inoiz. Hazterakoan egin beharreko gauza zen ezkontzea eta seme-alabak edukitzea, lagunak mantentzen ziren bitartean. Eta obligazio hura inorentzat ez zela erraza uste nuen. Izan ere, aita behar bezala ahalegindu balitz, bere ezkontza ez zatekeen dibortzioan amaituko. Nik hobeto egin nezakeen. Berak baino hobeto egin nezakeela erakutsiko nion. Hau guztia ondoren egin ditudan hausnarketak dira, urteak joanda. Orduan, gizarteak, munduak, nigandik espero zuena ahalik hoberen egiten saiatzen nintzen, beste barik. Mundu guztiak uste du gogorra izan behar zela, tortura bat, une oro norberaren benetako izaeraren aurka jokatu beharra, beti ezkutuan ibiltzea, etengabeko sentimendu eta desiren klaustrofobia batean bizitzea. Izatez erraza izan zen. Erosoa izan zen. Benetan zaila izan zena ildo horretatik irtetea izan zen. Zuk eta hemen bizi diren gainontzekoek hori ondo dakizuela suposatzen dut, esperientziagatik. Ziur zuen buruak asmatu behar izan zenituztela, arauetatik kanpoko bizimodu berri bat hutsetik sortu, eskulibururik gabe, ia eredu ezta erreferentziarik gabe. Nire bizitzan bai bazeudela eskuliburu eta arauak, benetan xeheak! Nik haiek guztiak zehatz-mehatz bete baino besterik ez nuen egiten. Nire aita-amaginarrebak nola maite ninduten ikusi beharko zenuke! Baina bai, azkenean, fartsa bat antzezten ari nintzela jabetu nintzen unea iritsi zen. Maisuki, hori bai, baina mundu guztiari gezurretan ari nintzen, nire buruari ere bai. Eta nire buruari zoriontsu izateko aukera ukatzen ari nintzaiola ere jabetu nintzen. Baina hori bigarren mailako arazo bat zen, eta hura bakarrik ez zatekeen dibortziatzeko erabakia hartzeko arrazoi nahikorik. – Nire nontzebarritasunari kilimak egin dizkiozu, dirudienez, zeren emazteari eta seme-alabei nola kontatu zenien galdetzeko gogoa piztu zait. – Imajina dezakezu. Emaztearen kasuan, dibortzioa eskatzeko benetako arrazoiak jakiten tematu zen. Hasiera batean nik ez nion xehetasunik eman eta “urruntze” abstraktu batez mintzatu nintzen, baina egia zor niola esan zidan berak. Eta, haserre erantzutea espero banuen ere, ez nuen etorri zen hondamendia inondik-inora espero. Oraindik ere ez du nire bertsioa sinesten, gay nintzela nik ez nekiela, eta urte haietan guztietan gezurretan ibili nintzaiola errepikatzen du, “bizitza lapurtu” diodala. Oraindik ere, gezurra ez nuela heriotzara arte luzatu nahi eta jabetu nintzen unean moztu nuela esaten diodanean, ez nau sinesten. Ez daukagu harremanik. Eta seme-alabak… Haiekin emaztearekin baino zailagoa izan zen. Ez nien egia ezkutatu nahi. Eta haiek, nahiz eta beste belaunaldikoak izan, ez dira munduko aurrerakoienak, are gutxiago hain gertuko arazo bati dagokionean. Esango nuke, eta honetan oker egotea nahiko nuke, gehien kezkatu zituena zera izan zela: aita gay bat izateak haien gizarte-irudia nola erasango zuen. Haien heziketaren uneren batean edo bestean huts egin bide nuen. – Haiekin ezta harremanik ez daukazu? – Bai, bai, jakina. Hasierako shockaren ostean, eta haien azaleko aberaskumeen erreakzioen ondoren, gure arteko harremana beste aita nagusi batzuk daukatenaren oso antzekoa da. Bilobekin ere. Bi dauzkat. Hala eta guztiz ere, noizbehinka, zoro bat bezala ikusten nautela antzematen diet. – Bai, barkatu baina nire hitzontzi modua “on” jarri didazu. Dibortziatu ondoren galdutako denbora berreskuratzen hasi ote zinen jakin beharra daukat, bere sasoian egin ez zenituen parrandak egiten hasi ote zinen. – Bai zera! Agian hori litzateke normalena, baina ez nintzen horretarako dibortziatu. Nire bizitza eraiki nahi nuen, besterik gabe, nire benetako izaerara egokitzen zen bat, eskulibururik gabeko bat, ez aurrez antolatutako bizitza bat. Hori zen egin nahi nuena, nahiz eta berandu hasi. Eta horretan nago. Eraikitzen ari naiz. – Gu guztiok gaude. Eta ez dago batere txarto. Gogorra da batzuetan, baina dibertigarria ere. Baina zuk zati dibertigarriena galdu duzu. – Zer egingo diogu, ba. Gerta zitekeenaz eta gertatu ez zenaz damutzeak ez luke zentzurik. Eta absurdoago litzateke galdutako denbora berreskuratzen burugabe saiatzea, irudi barregarri bat bihurtuta, gaztetxo baten portaerarekin gure adinean. Ez zen galdutako denborarik, orduan nahi nuena egin nuen nik. Hiru seme-alaba izan nituen, egun hiru gizon-emakume heldu, osasuntsu eta ondo heziak direnak, eta apur bat pureta ere, dena esan beharra badago. Zubiak, tunelak, trenbideak eraiki nituen, oraindik hor dirautenak eta urtetan iraungo dutenak, ziur egon zaitezke. Ezin dut baliogabe utzi urte haietan guztietan egin nuena. Urte onenetako sexua galdu nuela? Tira. Inork ez dauka guztia, eta nik asko izan nuen. IX Poor is the man whose pleasures depend on the permission of another. Txiroa da bere plazerrak beste baten baimenaren esku dauzkan pertsona. MADONNA Astelehen arrunt batez, goizean goizik, Alain eta Elene The Hillsen azaldu ziren ikuskaritza lanetan. Sustatzaile bikoak ez zuen egun osoa egoitzan ematen, egoiliarren egunerokotasunean eragozpenik ez eragiteko. Lantzean behin soilik bisitatxo bat egiten zuten bezeroak ase zeuden berresteko eta haien eskaera, iradokizun eta kexak biltzeko. Aurretik inor ohartarazi gabe agertzen ziren, egoitzako langileak ezustean harrapatzeko asmoarekin eta hauen arduragabekeriaren batekin topatzeko arriskuarekin -komun zikinen bat, jangela edo sukaldea bildu gabe, egoiliar bat areto nagusiko alfonbra gainean amilduta, hilzorian eta artatu gabe-. Goiz hartan, gosariaren orduan iritsi zirenez, jangelara jo zuten aurrenez, energiaz hornitzen ariko ziren egoiliarrekin solasean egiteko, zeren erretiratuek, nahiz eta lan obligaziorik ez eduki, aktibitatez gainezka omen zeukaten eguna. Hutsik zegoen gela, erabat. Jangelako lau mahaiak modu bikainean antolatua zeuden bakoitzean lau gosari zerbitzatzeko. Inork ez zuen kikara bat mugitu edo musuzapi bat zabaldu. Sukaldera jo zuten ondoren. Bertan “Erik” etiketarekin identifikatutako zerbitzaria aurkitu zuten –Channing Tatum eta Mila Kunisen balizko seme baten itxura zeukana eta, bere aparteko jatortasun eta eraginkortasunarekin, egoiliar guztiak maiteminduta zeuzkana, baina hori beste istorio bat da-. Gosarirako jakiak prestatzen ari zen –creppeak, gofreak, benedictine arrautzak- eta aldi berean, robot baten eraginkortasun eta abiadurarekin, sukaldeko tresna, gailu eta altzari guztiak distiratsu uzten. Ez zen mikrouhin-labe edo zukugailuren hotsik entzuten, soilik apar-bainu bat bezain atsegina zen musika bat antzeman zitekeen giroan, maila ia subkontzientean, baina Britneyren “Everytime” zela jakiteko nahikoan. Hori, Alainek eta Elenek Britneyren lana ezagutu balute. Sukalde erdian mahai zabal bat zegoen, bai jateko eta bai janariak prestatzeko erabiltzen zena. Fidel zegoen bertan eserita. Bakarrik. – Non dago jendea? –Agur modura irten zitzaion Alain nahasi bati. – Euren geletan daude gehienak –erantzun zion Fidelek, nahiz eta Alainena ez zen galderarik izan, harridura adierazpen bat baizik-. – Gaixorik? Zertan inuzentekeria hura? Txantxetan zebilen ala? Goizeko zortzietan? Hori iruditu zitzaion Fideli, baina erdi lo zegoenez nahiago izan zuen erantzutea. – Ez, nik dakidala. Gehienez ajea nozitzen egongo da baten bat. Bart fulbola egon omen zen eta bat baino gehiago bere taldeak irabazi zuela ospatzen ibili zen berandura arte. Gure gibelak ez dira aspaldikoak. – Halaxe da, eta horregatik kontuz ibili beharko zinatekete. Alkohola pozoi arriskutsu bat izan daiteke. Adierazpen hori izan zen Eleneren ekarpena solas gero eta surrealistago hari. Absurdoa iritzi zioten guztiek, esan zuenak eta entzun behar izan zutenek, esaldi hutsal hari, behin eta berriz errepikatzeaz zentzuz hustutako klixe hari. – Ez pentsa alkohola denik etxe honetan gehien kezkatzen nauena. Alkohol zaletasunak ez nau nire bizikide batzuen fulbolzaletasuna bezain beste larritzen –Fidelek zentzudun norabide baterantz bideratu nahi zuen solasa-. Sekula ez nuen ezta amestuko ere, gay komunitate batean fulbolzaleen portzentajea hain handia izan zitekeenik! Gehiago esatera ausartuko nintzateke: gehiegizkoa deritzot hau bezalako egoitza batean fulbolzale bakar bat onartzeari. Dena dela, ez dago zer egiterik antza, bakoitzak bere zaletasunak baititu. Agian ni izango naiz berezitxoa. – Alkohola murriztu beharko genukeela uste al duzu? Arauren bat ezarri beharko genuke horren inguruan? –Elenek, zirudienez, elkarrizketa hura eldarnio bat bihurtu nahi zuen. – Alkohola murriztu? Zer dela eta? Hori balitz hemen hartzen dugun gauzarik kaltegarriena. Azken hau ahapeka esan zuen Fidelek. Erdi lo egon arren, bazterrak apur bat nahasteko gogoa sumatzen zitzaion. Alainek eta Elenek ezin zuten harridura disimulatu. Agian telebistaren aurrean jesarritako agure talde bat aurkitzea espero zuten, manta bat belaunetan, medikuaren baimenarekin drogatuta eta ordu hartako zunba, teledenda edo sukaldaritza saioei so. Edo gizon heldu baina geldiezinen talde batekin aurkitzea zen espero zutena; nahiz eta lan mundutik erretiratuta egon, oraindik goiz jaikitzen zirenak komunitateari euren eskarmentua eta bizitasuna eskaintzeko. Boluntariotza lanak egingo zituzten gizon haiek, museotara eta liburutegitara joango ziren, abesbatzetan abestuko, mendizale taldetan parte hartuko. Halako gizatalde batean sartzea espero zuten goiz hartan Alainek eta Elenek, unetxo batez soilik, dena ondo zebilela berresteko baina haien eginkizunak ez oztopatzeko. Baina, euren txundidura aurpegiek iradokitzen zutenagatik, The Hillseko goiz arrunt bat ez zen inondik inora Alainek eta Elenek espero zuten bezalakoa. Fidelek, txundidura hura lasaitzen lagundu ez zuenak, bere gauzekin jarraitu zuen eta ideiak ordenan jartzen utzi zituen Alain eta Elene. Sukalde erdiko mahai handiaren gainazala ukituzko pantaila erraldoi bat zen, atzamarrekin aktibatu eta maneiatu zitekeena. Fidelek leihotxo bat zeukan zabalik mahai gainean albisteak eta posta irakurtzeko. Leihotxoan agertzen ziren testu eta argazkiek ziotenagatik munduan ez zen ezer berririk gertatu azken orduetan. Ohiko gerra eta izurriteak eta tsunamiren bat edo beste, baina guztiak Mendebaldea deitzen dugun lurbirako zatitik at. Mendebaldean, betikoa, ustelkeria eta lotsagabekeria kasuak, eta ordezkari politikoren baten hanka-sartze izugarriren bat, jada inork sinesten ez zituen horietakoa. Fidelek, eta berak bezala ordu laurden bat baino gehiagoko eskarmentua zeukan edonork, bazekien ordurako politikarien pailazokeriak ke gortinak besterik ez zirela. Horrexegatik gertatzen ziren gero eta maizago, herriak –boto-emaileek- pailazokeriaz barre egiten zuen bitartean ez zelako ezartzen ari zitzaion errepresioaz jabetzen. Antzinako azpijoko zahar bat zen, baina albisteetan hainbeste leku hartzen bazuen, fruituak ematen zituelako zen. Sare sozialetan ere ohikoa. Norbaitek bere bilobaren argazkiak eskegi zituen, baina Fidel ez zegoen oso ziur aitita berri hura nor zen, ezta ezagutzen bazuen ere. Beste norbaitek bere katuen argazkiak argitaratu zituen, iruzkinekin eta guzti. XXI. mendean goraino sartuta eta oraindik horrela. Aurrerapena iraganeko uneren batean gelditu bide zen. Fidelek gainera bere arreba Juditen mail bat zeukan postontzi elektronikoan. Bere lana Fukushiman amaitzear zegoela zioen Juditek. Ingurumeneko erradiazio mailak arruntak ziren eta lurreko eta itsasoko fruituak giza-kontsumorako egokiak ziren berriz, japoniarren kontsumorako ere. Fukushima handik lasterrera jendez beteko zela beldur zen Judit. Hori gertatutakoan handik ihes egitera behartuta egongo zen, enegarren aldiz, beste babesleku lasaiago baten bila. Juditen mundu-ikuskera berezi eta bakana. Gosaltzen zuen bitartean erantzun bat idatzi zion Fidelek, lasaitzeko eskatuz, laster munduko beste zokoren batean beste ezbehar nuklear bat gertatu behar zelako. “Lasai, gure planeta honetan ez da inoiz faltako arrisku erradiaktibo edo biologikoagatik esklusio eremuren bat, bizilagunik eta koinaturik gabekoa.” Holako ezbeharren bat gertatu bitartean, Afrika erdialdean izurrite hilgarri bat hedatzen ari zela gogoratzen zion Fidelek, eta bizirautea lortzen zutenak eremu hartatik ihes egiten ari zirela. Hori izan zitekeen bere aterpe berria, Fukushima jendetsu eta arrunt bihurtzen bazen. – Zer da usain hori? –Alainek galdetu zuen oihuka.- Ez dut identifikatzen. Gernua ote? Garbiketa produkturen bat? Botikaren bat? – Popperra izango da –erantzun zion Fidelek, begirada mahai-pantailatik jaso gabe-. Jairori atzo pote osoa erori zitzaion eskailerako moketa gainean. Badakizue batzuetan apur bat axolagabea dela. Eta garbitzen saiatu diren arren, eta erruz saiatu ere, popperraren usaina oso gogorra da, batez ere oso kontzentratua dagoenean, kasu honetan bezala. Usaina guztiz desagertu araztea kostatuko zaigu. Baina Alexek lortuko du. Benetan trebea da Alex atzetik uzten goazen zikinkeriak garbitzen. Ez dakit zenbat ordainduko diozuen, baina azken zentimoa ere irabazten duela sinets iezadazue. Batzuetan apur bat txerrikume bagara. – Popper? Mr. Popper? –Elene, Fidelen hitzei zentzuren bat bilatu nahian. – Popper, amilo-nitritoa. Ez duzue inoiz entzun? Usnatzeko likido bat da. Batzuek sexurako erabiltzen dute. Sexu harremanak askoz ere dibertigarriagoak bihurtzen ditu, zalantzarik gabe, baina nik aspaldian ez dut probatu sekulako buruko mina eragiten didalako. – Sexurako? –Asaldatu egin zen Alain, baina bere larritasuna disimulatzen ahalegindu behar zela bazekien, gaiari buruz bere seme nerabearekin hitz egiteko ordua iritsi zaion aita bat balitz bezala.- Orduan… kasu horretan… gai horretaz ari garenez gero, bainugelan preserbatiboz beteriko ontzi bat dago, bainugela bakoitzean. Norbaitek sexu harremanak izan nahi baditu, harreman seguruak izan ditzan. Preserbatiboen horniduraz eta sexu seguruaz mintzatzeko parada itxaron zuen Alainek inaugurazioaren egunetik, baina argi zegoen ez zela gai haiekin eroso sentitzen. Nerabe baten guraso bat bezala. Eta Fidelek, elkarrizketa hartako nerabeak, ez zion ataka erraztuko. – Preserbatiboak? Ikusi genituen, bai. Eta elkarren artean komentatu genuen ez genuelako ulertzen zertarako behar zen hainbeste kondoi gayentzako egoitza batean. Hasiera batean lubrifikatzaile monodosiak zirela uste izan genuen eta poztu ginen, horrelakoak eskura edukitzeak zerbitzu handia izango litzatekeelako. Baina preserbatiboak? Gizonok, gay izan arren, oso oso gay izanda ere, ezin dugula haurdun geratu badakizue, ezta? Kar-kar-kar. Alainek eta Elenek elkarri begiratu eta barre egin zuten, nahiz eta Fidel txantxetan ote zebilen ziur ez bazekiten ere. – Zu bai xelebrea! Preserbatiboak sexu bidez transmititzen diren gaixotasunak ekiditeko dira. Batez ere HIESa. – HIESa? HIESa eta Julie Andrews. Argi dago, gero eta gehiago, “adineko gayentzako egoitza” kontzeptua landu zenutenean, “adineko” atala azpimarratu zenutela “gay” atala baino. HIESa prebenitzeko preserbatiboak banatzea, apur bat vintage da. Esposizio aurreko profilaxia aspaldian erabiltzen dela ez duzue entzun ala? Gainera badira urteak txerto terapeutikoa existitzen dela. GIBa daukanak urtean behin jartzen du txertoa eta bere birus karga hainbeste jaisten da ez dela kutsakorra ez odol bidez ez semen bidez. Informazio orokor bezala esaten dizuet. Gainera GIBaren gaia gure artean komentatu dugu eta hamahiruok seropositiboak gara, aspaldidanik, txerto terapeutikoaren aurkikuntza baino lehendik, preserbatiboen eta antirretrobiralen garaitik. Ezkondutako bikotea ere. Urtean behin txertoa jartzen dugu eta kito. Birusa kontrolatuta mantentzen dugu horrela eta ez dugu egunero botika toxikoak hartu behar. Dena dela, ongi pentsatuta, preserbatiboena ez da ideia txarra. Ez daude soberan. Hemengo batzuek oraindik erabiltzen dituzte batzuetan. Garbitasun neurri bezala erabiltzen dutela diote, badakizue… ez zikintzeko. Sexuarekin azken finean janariarekin bezala gertatzen da, milika asko dagoela hortik. Eta hemen ere. Sustatzaileen bikotetxoa asaldatzeko asmoarekin erabili zuen Fidelek edozertatik bueltan egotearen tonu hura, itxurakeria handiarekin. Haien bat-bateko txundidura aurpegiak ikusten gozatzen zuen, eta nola espresio hura berehala disimulatzen ahalegintzen ziren ere, agerikoa zena ezkutatu nahian: gay jendearen ohitura eta usadioen inguruan Alainek eta Elenek zekitena, hileta-errito filipinarrei buruz zekitena bezalakoa zela. Edo apur bat gutxiago. -Gimnasiora noa, soinketa apur bat egitera –jarraitu zuen Fidelek Alain-Elene aldamenetik kentzeko-. Irensten ditugun gehiegizko kaloriak erre behar ditut. Eta The Hillseko instalazioak aprobetxatu behar dira ere, primerakoak dira-eta. Hori ere bikain egin duzue. – Eskerrik asko –erantzun zuen Elenek-. Osasuna eta itxura fisikoa zaintzea gayen ardura nagusietako bat dela bagenekien, eta The Hillsen horretarako medio hoberenak jartzen ahalegindu ginen. – Hala da –gaineratu zuen Alainek-, horregatik harritzen gaitu hainbeste Noelek esan diguna, inor ez dela bere eskoletara joaten. Ordutegia ez zizutela behar bezala komunikatu pentsatu genuen, nahiz eta edonork ikusteko bezala gimnasioaren atean eskegita egon. – Noel? –Galdetu zuen Fidelek.- Nor da Noel? Barkatu, ez naiz oso ona izenak gogoratzen baina ez dut uste izen hori hemengo langileetako baten bularrean ikusi dudanik. – Antolatu genituen aktibitate batzuen irakaslea da Noel –azaldu zion Elenek-, Kundalini yoga, bikram yoga, txi kung, biodantza eta zunba. Gimnasioko atean eskegitako koadrantean agertzen direnak. Profesional oso prestatua da. Indiara eta beste leku askotara bidaiatu da, iturrietatik zuzenean edateko, benetako maisuengandik ikasteko. Baina bere eskoletatik ez dela inor agertu esan digu. Gehienez baten batek burua sartu, agur esan eta alde egin duela. Komunikazio arazoren bat egon behar duela uste genuen eta hori konpontzera etorri gara. – Gimnasioan bakar-bakarrik egon ohi den mutila izan behar da –Fidelek-, mailak jantzita, Lily Monsterrena bezalako mataza bat mototsean bilduta eta bizarrean kolorezko aleak daramatzana. Ez nekien haren izena. Garbiketa edo mantentze-lanen arduraduna zela pentsa genuen hasieran, baina gimnasiotik ez zenez ateratzen eta, nahiz eta inor berari begira ez izan, “Cirque du Soleil”-en antzeko jarrerak egiten tematuta zegoenez, soinketa irakaslea zela ondorioztatu genuen. Gertatzen dena zera da, gutariko inori ez zaizkiola haren eskolak interesatzen, batez ere ez garelako ordutegizaleak. Nahiago dugu pisuen aretotik bueltatxo bat ematea astia dugunean, ordu jakin batean eskolara joatea baino. Erretiratu ginenean ordutegiei objektatu genien. – Eta zer egiten dugu Noelekin? Kaleratu beharko dugu ala? –Galdetu zuen Alainek, “hil beharko dugu?” edo “jan beharko dugu?” galdetzen ari balitz bezala.- Aktibitateen eskaintza berriz diseinatzeko eska diezaiokegu. – Ideiarik ez. Zuek jakingo duzue. Ulertuko duzuenez, nik ezin dut guztion izenean hitz egin, baina gehienez zera iradokiko nioke: gimnasiotik baten bat agertzen denean entrenatzaile pertsonal bezala sesio bat egiteko proposamena egin diezaiola, ea baten batek onartzen dion. Inola ere, ez dezala inoiz itxaron ordu jakin batean giza talde bat irmo bere zain egotea. Ez etxe honetan. Nire partetik, atzoko paella erretzera noa. X I never hurt nobody but myself and that´s nobody´s business but my own. Ez dut sekula inor mindu nire burua baino, eta hori ez da inoren arazoa neurea baino. BILLIE HOLLIDAY – Esan genizun hemen zerbaiti kiratsa zeriola. – Berebiziko sunda nazkagarria. Ilobak, Maia eta Tania, osaba Fideli bere istorioekin berriz ere. Haiekin biltzen zen bakoitzean argiago ikusten zuen Fidelek haien portaera arrotzaren nondik norakoak -Freudek ez zuen gauza handirik asmatu-: ama nerabe arduragabe eta ganoragabe bat bilakatu zitzaienez, haiek, amak bete beharko lukeen papera betetzen ahalegintzen ziren. Edo, zehatzak izateko, euren ustean ama batek bete beharko lukeen papera, adin ertaineko etxekoandre neurotiko, pasibo-agresibo baten papera hain zuzen ere. Ama batek zer errepikatu behar du beti? Nola adierazi behar du ama batek bere akasgabetasuna? Erromako Aita Santuaren akasgabetasuna baino akasgabeagoa den hori? Aldi berean zure konfiantza eta autoestima larriki zaurituz? Ba iloben ustean, hori guztia “zer esan nizun?” edo “ez al nizun nik esan?” etengabe jaurtiz lortzen zen. Bada, ataza horretan ari ziren orduan, osabari “esan genizun” behin eta berriz errepikatzen, Fidelen arrebaren papera izan behar zuena hartuta, paper hori betetzea tokatzen zitzaiela barneratuta baitzeukaten. – Ea… Zer entzun duzue hortik? Etxe hau hilerri indiar baten gainean eraiki zela edo antzeko zerbait? –Fidelek ironia erabiltzen zuen, ilobei amen papera egokitzen ez zitzaiela iradokitzeko.- – Osaba! Seriotan gabiltza! Ez da txantxatako gauza jakin duguna! – Ez ba! Ez banu txantxatan hartu orain arte bota dizkidazuenak, beldurrez hilda nengoke, etxean gordeta eta kalera muturra atera gabe. Egun, mundu guztia ni lapurtu, bortxatu, hil eta berriro bortxatzeko nahian dabilela sinetsi beharko nuke, zuen aholkuak hitzez-hitz aintzat hartuko banitu! Zuek mundu honetan daramatzazuen urteak baino urte gehiago daramatzat nik munduan zehar nire kabuz, eta, gutxi gorabehera, badakit zerekin (eta norekin) topo egin dezakedan. Bizirik eta osorik heldu naiz honaino. Badakit nire kasa moldatzen, nire burua zaintzen. Lasai egon, hortaz. Zuen ardura eskertzen dizuet, benetan, baina lasaitu behar zarete. Gainera, hobe zenukete gomendio horiek senarrei egingo bazenie. Hirurok badakigu, ondo jakin ere, Jonathanek eta Christianek ez dakitela haien buruak zaintzen, eta zuen etengabeko zaintzapean ez baleude kale gorrian, biluzik eta gosez hilda bukatuko zutela. Horregatik aukeratu zenituztela esatera ausartuko nintzateke ere, zuen laguntzarik gabe biziraungo ez zutela igarri zenietelako. Izan zaitezte zintzo zuen buruekin: nahitaezkoak izatea edo sentitzea gustatzen zaizue, ezta? Niretzat nahitaezkoak zarete, nahitaezkoak nire bizitzan, lasai horregatik, baina ez zuek ulertzen duzuen moduan. Ez duzue zertan egoera larriak edo premiazkoak asmatzen ibili behar. Gainera, zuen senarrez ari garela, ez zen haietako bat izango istorio beldurgarri berri hori kontatu dizuena? Falta zitzaiguna litzateke! – Ez dira haiek izan –Maiak-. Goraintziak emateko esan digute, bide batez. Zuk ere haiek agurtzea agindu diguzula esango diegu, gezurra bada ere. Milesker haien partez. Ilobek ere bazekiten ironikoak izaten, eta horrek Fidel poztu eta harrotzen zuen. – Ez osaba, oraingoan benetako zerbait da –Taniak-. – “Oraingoan” bai… bai zera! – Osaba! – Tira. Bota ba eta bakea izan dezagun. Fidelek eskuan zeukan patxaran kopari zurrutada eman eta aditzera prestatu zen. Igande arratsaldea zen, The Hillseko egoiliarrek bisita gehien jasotzen zuten asteko momentua. Egongelan zeuden hirurak, lorategira ematen zuen miradore baten alboan mahaitxo baten inguruan eserita. Maiak eta Taniak te bana zeukaten aurrean, baina edan gabe hoztuko zitzaien, ohi bezala, mintzatu eta edan ezin baita egin aldi berean. Eta igande arratsalde hartan hitz egiteko gogo bereziaz joan zitzaizkiola argi zegoen. Batek hitz egiten zuen bitartean besteak edan egin balu behintzat, teak edateko moldatuko ziren, baina ez, igande hartan biek batera eta etengabe hitz egin nahi zuten. Fidel patxaran kopa bat hartzen ari zen. Arratsaldeko bigarrena. Lehena bazkalostean hartua zuen, igandeko indaben digestioa egiten laguntzeko. – Olgak kontatu digu –Maia hasi zen istorioaren xehetasunekin-, badakizu, gure laguna, banatuta dagoena, senarrarengandik banatuta, senar ohia dena orain… – Ulertzen dut, Maia: ez da bitan zatitu! Baina zer daki Olgak The Hillsi buruz? Senar ohiaren pentsioa hila betetzeko heltzen ez zaionez, ikertzaile pribatu lanak egiten dabil ala? Ez dut oso ondo ezagutzen Olga, baina zu biok baino nontzebarriagoa ez zela esango nuke. Ez dut uste zuek baino lehen edozer jakiteko kapazitatea daukanik. Haren kontuak hitzez hitz sinetsi baino lehen, hobe zenukete bere eredua jarraituko bazenute. Nola doakio senarrarengandik urrun? Primeran, ezta? Ba, ia hori kontatzen dizuenean ere sinesten badiozue, eta hobe joango zitzaizuen bizitzan zuei ere. – Beterre itzela bihurtu zara gero! –Taniak.- Ez dago zurekin serioski mintzatzerik. Isildu apur batean eta entzun. – Olgak kontatu digu berarekin yoga eskoletara goazelako –Maiak, kontuarekin jarraituz-. Zu non zeuden kontatu genion, adinekoentzako egoitza batean sartu zinela, egoitza non zegoen, eta nola, jabeek kontatu zutenez, etxe hau noizbait HIESak jotako gayen bizileku eta aterpea izandakoa zela. Eta azkeneko hau esan genionean aho zabalik geratu zen. Eta barre egin zuen. – Pilulen efektua zela susmatu genuen hasieran –Taniak-, banatu zenetik depresioarekin, antsietatearekin, biekin edo batek daki zerekin baitabil, eta pilula mordo bat hartzen du. Eta holako umore aldaketa arraro eta bat-batekoak izaten ditu. Gaixoa. Egia esan, banatu aurretik ere hartzen zituela susmatzen dugu. – Baina ez ziren pilulak. Oraingoan –Maiak kontakizuna berreskuratu zuen-. Olga txikitan auzo honetan bizi izan zen, auzoa eraldatzen hasi zen garaian. Gurasoak ere bera jaio aurretik urte askotan bizi izan ziren auzoan, inguru honetan etxebizitzak zeudenean, ez orain bezalako etxe-orratzak, eta, jakina, bizilagun guztien historia eta istorioak ezagutzen zituzten. Baita etxe honen jabearenak ere. – Eta hemen, HIESaren gaixoentzako aterperik ez dela sekula egon esan zigun Olgak. Istorio hori guztia, zuri kontatu zizutena eta gero zuk guri kontatutakoa, gezur ustela dela ziurtatu zigun. Etxe honen jabea, azken jabea, ez zen gay kosmopolita, eszentriko eta pixka bat kaskarin hura izan, HIESak jota filantropo kontzientziadun bat bihurtu zena. Istorio hori guztia folletoi batetik atera behar izan dute Alain eta Elene ilun horiek. Auzokideek soberan zekiten etxe honetan benetan zer gertatzen zen eta baita zergatik izan zen zutik gelditu zen etxe bakarra. Olga bera auzokidea izan zenez, etxe honen eta bere azken jabearen benetako istorioa puntuz-puntu kontatu zigun – Eta ez da batere hunkigarria, aurretik bihoa –iruzkindu zuen Maiak-. – Ez, nahiko nazkagarria da ostera –Taniak-. – Honelako zerbait kontatu digu Olgak. –Zirudienez, Maia izango omen zen esku artean zerabilten esamesa kontatuko zuena.- Etxe honetan, hirurogeita hamarreko hamarkadan eta laurogeikoaren hasieran, emakume ezkongabe bat bizi zen. Mari omen zuen izena, eta bizilagunek Mari Beltza edo Mari Sorgin ere deitzen zutela dio Olgak. Kontatuko dizuguna jakinik, ez da harritzekoa ezizena. Gurasoengandik etxea, etxe hau, jaso zuen, baina ez beste inolako ondasunik. Gurasoak hil ondoren, emakumeak ez zeukan karrerarik ez bizibiderik, baina bere ondasun bakarrari, etxeari, etekina ateratzeko modu bat asmatu zuen. Bestalde, mojen ikastetxe batean oinarrizko heziketa, neskek jasotzen zutena, egindakoa zen, eta mojekin harreman onak gordetzen zituen. Olgak ez digu horrelakorik esan, baina guk uste dugu mojek espero zutena Mari umezurtz eta ezkongabea euren kongregazioarekin bat egitea zela, eta dote bezala etxearen salmentaren etekina ekartzea, orduan prezio onean saldu baitzitekeen. Baina Mariri beste zerbait bururatu zitzaion. Bere ondarea (etxea) eta bere gizarte harremanak (mojak) batuko zituen “negozio” bat asmatu zuen: etxe honetako gela huts guztiak neska gazte haurdun ezkongabeez bete zituen. Garai hartan ezkondu aurretik haurdun gelditzea ezkutatu beharreko lotsa itzela baitzen, nonbait. – Nire garaiko, tira, nire garaia baino zerbait lehenagoko gizarte ohiturak ez dizkidazue zertan azaldu behar. Soberan eta zuek baino hobeto ezagutzen ditudala suposa dezakezue. –Fidelek txarto zeraman bere ilobek zazpi urteko ume bat balitz bezala hitz egiten ziotenean, burua guztiz galduta baleuka bezala.- – Ez da hori gakoa –Maiak, berearekin jarraituz-. Bada, Mari Sorgin honek ostatua ematen zien neska haurdun ezkongabeei haurdunaldiak irauten zuen bitartean, haien familien inguruetatik aldenduta eta ezkutatuta egon zitezen. Eta, dagoeneko susmatuko zenuenez, mojek ekartzen zizkioten “bezero” gehienak. Hasieran behintzat, geroago Mari Beltzen zerbitzuen berri ahoz aho zabaldu baitzen, eta, mojen bitartekaritzarik gabe ere, gurasoek bere alaba gazte ezkongabe eta haurdunak zuzenean aurkezten hasi zitzaizkion, zantzu fisikoak eta esamesak desagertu arte ezkutuan gordetzeko. Olgak esamesa horiek “familien izen ona zikinduko” zuketela esan zigun, baina horrek zer esan nahi zuen ez genion ulertu. – Gurasoek, haurdunaldiak irauten zuen bitartean, ingurukoei, familia eta lagunei, alaba hizkuntzak ikastera atzerrira joan zitzaiela esaten zieten –Taniak-. Normalean, orokorrean, “familia oneko” alabak zirenez, Mari Sorginen zerbitzuak ondo ordaindu behar baitziren, aitzakia sinesgarria omen zen. – Hori balitz guztia, Mari Beltz horrek nolabaiteko gizarte zerbitzu bat betetzen zuela esan liteke –Maia osaba harritzeko edo txundituta uzteko gogoz zebilela zirudien, baina honek soberan ezagutzen zituen ilobak, nahikoa tranpan ez erortzeko-, baina ez, istorioaren alde nazkagarriena orain dator: neskak erditzen zirenean, jaioberria seme-alabarik izan ezin zuen bikote bati saltzen zioten, mojen bitartekaritza eta laguntza paregabearekin orain ere. Saltzen! Bai. Auzoko bizilagun guztien ahotan zebilen, mojek diru gehien ordain zezaketen bikoteak aukeratzen bazekitela, eskaintza baino eskaera handiagoa baitzuten. Eta orduan ere Marik bere komisioa jasotzen zuen, ahoa itxita eta poltsikoa zabalik mantentzearren. Jakina, ez neskek ezta haien familiek ere, ez zuten prezioaren sosik ere eskuratzen. Agian, kasu askotan ez zekiten ordainsaririk zegoenik ere, eta mojek karitate lan bat egiten ari zirela usteko zuten ama gazteek eta haien sendiek, estropezu egin zuen neska gazte baten ohorea eta bertutea gordez eta, aldi berean, emankortasunaren dohaina ez zeukan bikote bati ondoregoak emanez. Gratis et amore hori guztia. Baina aurrerago, mojen amarru eta trikimailuak vox populi izaten hasi zirenean, nahiz eta ama gazteen gurasoek ordainketak bazeudela bazekiten, ez zuten sekula zentimorik ere eskatu, lotsagarria izango zelako, sendiaren ohorearen orbain baten oroigarri. Ama gazteei, dirudienez, inork ez zien aukera gehiegirik ematen. Ez zieten galdetzen haurra eman nahi ote zutenetz ere, hortaz, are gutxiago ordainean dirurik nahi ote zuten. Harro sentitzen zen Fidel ilobek ironia erabiltzen zutenean, egindako ikasketak antzematen zitzaizkiela berrestean. – Gaztetan, orain baino gazteago zinetenean, kulebroiak ez zenituztela batere gustuko gogoratzen dut. Ostera, bestelako afizioa hartu diezue orain! –Fidelek ez zien egin nahi zuten lana erraztuko.- Zer esan nahi du melodrama horrek guztiak? Etxe hau enkantean saldutako umeen izpirituez sorgindua dagoela edo antzeko txorakeriaren bat? – Ez, hori ez, baina bai etxe honetan benetan gertatutakoa ezkutatu dizuetela -Taniak-. Eta hori jakinda, zerbait gehiago ere ezkutatzen ari direla ziur gaude. The Hills hau eta Alain-Elene horiek ez daude garbi! Ez gaude lasai zuen etorkizunarekin, osaba. – Dramatikoak zer zarete gero! Ez nioke horrenbesteko garrantzirik emango zuen aurkikuntzari. Alain eta Elene negozioak egiten ari dira The Hills proiektu honekin, besterik gabe. Negozio gizon-emakumeak diren heinean, badakite negozioaren zati bat ingurugiro egokiena sortzea dela. Hori lortzeko etxeari iragan bat asmatu badiote, zer? Etxea hutsik egon da urte luzetan, inoren arretarik gabe, beraz, etxearen historia apur bat eraldatu badute bere negozioari egokitzeko, ez diote inori kalterik egin. Gainera Mari Motots edo dena delako izen horrek asmatutakoa dirudi, eta horrek zalantzak eragiten dizkit kontatu didazuen ele-zahar beltz horren benetakotasunari buruz. – Mari Beltz edo Mari Sorgin deitzen zioten, ez Mari Motots, baina ez dago hutsunerik Olgak kontatu digun istorioan –Maiak, aurrera-. Adi, ikusiko duzu. Bada, auzo honetako bizilagun guztiek euren etxe eta orubeak saltzen hasi zirenean eta auzoaren itxura eraldatzen hasi zenean, Marik bere negozioarekin jarraitu zuen. Auzokide guztiek bezala, berak ere eskaintza interesgarriak, eskuzabalak, izan zituen, baina ez zuen haietako bat ere onartu. Bere “negozioak” amaierarik ez zuela izango uste zuen. Horrela, apurka baina urte gutxiren epean, etxe hau orain den irlatxoa bihurtu zen. Etxe-orratzen itsasoaz inguratutako irlatxo bat. Bitartean, paraleloan, gizartea eta legeak, edo legeak eta gizartea, aldatu ziren ere. Zeren, Olgak esan digunagatik eta guk Internet bidez berretsi dugunez, Mari eta mojen negozioaren “urrezko” urteetan abortatzea ez zen legezkoa, delitua zen. Baina, antza denez, laurogeiko hamarkadaren hasieran abortuaren legea deritzon zerbait onartu zen eta abortatzeak delitu izateari utzi zion. Eta jakina, hori zela eta Mariren negozioa behera egiten hasi zen. Garai berean antikontzeptiboak eskuratzeko erraztasunak zabaldu ziren ere, eta ikasgeletan sexu heziketa ematen hasi zitzaizkien nerabeei. Honek guztiak gizarte ohituren eraldaketan lagundu omen zuen, irakurri dugunaren arabera. Poliki baina etengabe eman zen gizartearen aldaketa hau ere, auzoarena bezala, baina azkenean bezerorik gabe gelditu zen Mari. Urte gutxiren buruan ezkutatu beharreko haurdunaldirik ez zen geratzen, auzoan hau bezalako etxetxorik gelditzen ez zen bezala. Eta azkenean egungo egoerara heldu zen gizartea noizbait: haurdun zegoena, ikusgarriro haurdun, hala nahi zuelako zen. Sabel lodi bat emakume ezkongabe batengan ez zen inolako lotsarako arrazoi. – Bai, mundua batzuetan, gutxi batzuetan, onerako aldatzen da –Fidel, ahots goran hausnartuz eta ironia apur batekin ere-. – Dena dela, Mari Beltzak nahikoa diru aurreztu omen zuen bere negozioaren urte emankorretan, eta aurrezki haiekin urte askotarako zeukan, bezeroak desagertu ondoren -Taniak jarraitu zuenean, ilobek ipuina kontatzeko txandak hitzartuta zeuzkatela susmatzen hasi zen Fidel-. Mari Beltz edo Mari Sorgin bezalako ezizen bat daukan pertsona bati buruz eraiki dezakezun irudia guztiz benetakoa omen zen, eta hortaz, imajina dezakezunez, ez zen gastu handiko pertsona. Eguneko janaria eta gutxi gehiago ziren bere gastuak. Gutxitan erosten zuen arroparen bat, eta gehienetan mojek oparitutakoak janzten zituen. Bitxiak ere, amarengandik jarauntsitakoak besterik ez zeramatzan. Sekula ez zihoan ile apaindegira eta bere gizarte ekitaldi bakarra mezatara joatea zen. Ez zinerik, ez antzerkirik, ezta tabernarik ere. Halako norbaitek makinetan edo bingoan sosak xahutu beharko lituzkeela ematen du, baina ezta hori ere. Eta ez zuen bizimoduz aldatu nahi, ezta bizilekuz ere. Bera jaiotako etxea zen hau, ez zuen beste bizilekurik ezagutzen, gustura zegoen hemen eta, ezkongabe egonik eta familiarik ez zuenez, ez zeukan aldatzeko premiarik. Baina etxeak bai, etxeak bazeukan gasturik, eta ez edonolakoak. Hau bezalako etxe bat mantentzea, ogibiderik gabeko adineko emakume batentzat, jasangaitza bihurtzen hasi zen. Eta aurrezkiak bukatzen joan zitzaizkion. – Eta hori guztia Olgak ote daki? Ziur berak ez duela zatiren bat asmatu? – Gurasoek kontatu zioten –Taniak mozterakoan Maiak hartzen zuen hitza, argi zegoen aurretik prestatuta zeukatela-. Olgaren gurasoek ez zioten estimu handiegirik Mariri, nonbait. Nahiz eta auzoz aldatu, Mariri gainbehera noiz iritsiko zitzaion adi egon ziren, eta heldu zitzaionean, jakina, poztu ziren. – Hori bai dela sinesgarria. Gainerakoen, hurkoen gainbeherak giza arimari nolabaiteko poztasuna edo indarra eragiten dizkio. Beti eta edonon. Horrelakoak gara. -Esatera nindoanez –Maiak berreskuratu zuen ildoa-, dirua bukatzear zeukanean, nagusiegia zen Mari lanean hasteko, nagusiegia inolako eskarmenturik ez zeukan emakumezko batentzat. Lanik egiteko gogo handirik ez zuela izango ere suposa daiteke, bera bezalako jatorri burgeseko andre batek, bizitza osoan lanik egin gabe bizirautera ohituak. Gainera, diru eskasiaren momentu hau higiezinen burbuilaren momentu gorenean etorri zitzaion. Ordurako ez zen etxetxorik geratzen inguruotan, etxe hau orain ezagutzen ditugun etxe-orratzez inguratuta zegoen jada. Mariren ondarea, orube hau, higiezinen enpresa guztien ikusmiran zegoen. Eskaintza zoroak egin zizkioten Mariri, egun sinesgaitzak diruditenak, baina orduko garai ero haietan barra-barra zebiltzanak. Baina Marik berean segitu zuen. Nora joan behar zuen bere etxea salduta? Eskaintzen zioten diru mordoari ez zion zentzurik aurkitzen, bizitza berri bat leku ezezagun batean hasi behar bazuen. Kontuan izan, sekula bidaiatu ez zuen Mari bezalako norbaitentzat, hiriaren kanpoaldeko auzo batera aldatzea atzerrira joatearen neurrikoa zela. Azkenean, negozio gizon ugarirekin mila elkarrizketa txoro izan ondoren, banketxe batek egin zion eskaintza onartu zuen: alderantzizko hipoteka bat. – Izen liluragarri bat, bai, baina zer demontre ote da hori? – Bankuak bizi guztirako pentsio bat ordainduko zion Mariri etxearen bermearekin. Mariren heriotzaren ostean bankuak eskuratuko zuen etxea, ordura arte ordaindutako pentsioen ordainean. Eta guztiak pozik. – Zer gertatu zen? –Taniaren txanda zen.- Bankukoek kalkulatu edo aurreikusi zutena baino gehiago bizi izan zela Mari. Edo, beste ikuspuntu batetik, ordura arte etengabe eta mugarik gabe gora egiten zuten higiezinen prezioak, bat-batean, amildu egin zirela. Edo gauza biak. Gauza da, Mari hil zenerako higiezinen burbuilak eztanda egin zuela, eta banketxea, ordaindutako pentsioak baino askoz gutxiago balio zuen higiezin batekin topatu zela. Ez hori soilik, inork erosi nahi ez zituen etxe eta orube bat ziren hauek orduan. Alde batetik, bertan bizitzeko ez zuen inork erosiko, auzo honetan aspaldi ez baitzen inor bizi eta ez zegoen etxebizitzen auzo batean egon ohi diren azpiegitura eta zerbitzurik. Nork, Mariz aparte, nahiko luke hori bezalako leku batean bizi eta bere seme-alabak hazi? Eta bestalde, etxea behera botatzeko eta orubean zerbait berri eraikitzeko inork ez zuen jada interesik. Burbuilaren eztandaren ostean, auzoan, hemen inguruan, ehunka bulego, lokal eta antzeko higiezin hutsik zegoen. Zertarako orduan dirua inbertitu, eskaera nahikorik ez zeukan eskaintza gizen bat gehiago loditzeko? – Eta hortxe, hementxe, gelditu zen etxea, azken urteotan ezagutu dugun bezala, hutsik, abandonaturik. Banketxe baten ondare toxikoaren mami puska bat bezala. – Beraz, laburbilduz, Mari Sorgin Beltz hori, noizbait existitu bazen, banku batekin egindako tratuan, bankuari galerak eragin dizkion gizabanako eskasetako bat izan zen! –Fidel, istorio guztiaren interpretazio pertsonala egiten.- Sorgin itzela izan behar zen, bada! Ez dut antzekorik sekula entzun! Pertsonaia interesgarria izan behar zuen. Ezagutu nahi nukeen. – Laburbilduz, osaba, hemen kontatu dizueten istorio guztia zabor hutsa dela –Taniak, iloben interpretazioarekin-, eta arrazoi ilun batengatik ezkutatu dizuetela egia, Mariren istorioa. Ez dago zertan gezur bat hainbeste landu behar, zio ilun bat ez daukazunean. – Egiak, benetako istorioak, ez zuela “saltzen”. Ez zuten beste arrazoirik behar. Fidelek ez zion garrantzi handirik ematen Marko haren istorio osoa gezurra zela jakiteari, kontatu ziotenean ere ez baitzion jaramon handirik egin. Ederregia, hunkigarriegia iruditu zitzaion, eta horrek beti pizten zizkion susmoak. Zinikoegi ez ote zen bihurtu galdetzen zion horrelakoetan buruari. – Eta bikote hau nortzuk dira? –Maiak.- Nondik atera dira? Zer interes daukate agure gayak zaintzen edo zerbitzatzen, beraiek ez badira ez adineko ezta gay ere? – Hasteko, ni ez nauzue agure bat ezta. Negozio jendea dira haiek. Negozio bat non egon daitekeen antzeman dute eta, beste norbaitek negozio horretan atzaparrak sartu baino lehen, beraiek nahi dute izan publiko horretara iristen lehenengoak. Lehenengo jotzen duenak birritan jotzen du. Horrela da bizitzan eta negozioetan ere. Negozioetan bereziki. – Ni ez nintzateke hain lasai egongo. – Zu biok ez zaudete sekula lasai. – Arretaz eta adi ibili, osaba, mesedez. – Adooos. – Joan beharra dugu orain. Edozer arraro sumatuz gero, deitu. – Bestela datorren igandean etorriko gara berriz. Musu bana eman zioten osabari. – Goraintziak senarrei. Eta umeei. Non daude? Fulbolean? Tabernan, fulbola ikusten? Autoa garbitzen? Autoa garbitzen irratitik fulbola entzuten duten bitartean? – Bakoitzak bere afizioak ditu. Haiek ez diete iseka egiten zureei. – Eta umeak? Ajearekin? Hasi dira jada botiloiarekin? – Osaba, nagusiak zortzi urte ditu! – Zer dakit nik ba! Gero eta gazteago hasten direla pattarrarekin dio mundu guztiak! Ilobek alde egin zutenean egongelan geratu zen Fidel, patxarana bukatzen, miradoreko leihoetatik lorategira begira. – Fidel! Erdu! Lagun bat aurkeztuko diat. Jairo zen, ile apaintzaile erretiratua. – Dragan duk hau, nire lagun bat, bisitan etorri duk. Dragan, hau Fidel duk, nirearen alboko gelan bizi dena. – Pozten nau ezagutzeak –esan zuen Draganek, Fidelek haren itxuragatik espero zuen azentuarekin, alegia, James Bonden pelikuletako ultragaiztoen eta banpiroen filmetan gaztelua zaintzen dutenen azentuarekin-. Draganen begirada eta agurra berari zuzenduak zihoazela igartzerakoan Fidelek ez zuen hurbiltasuna edo epeltasuna sentitu, baizik eta hotzikara antzeko bat eta poliki eta isilean aldentzeko gogoa. Hori zen Draganek eragiten zuen erreakzioa, piztia batek bere balizko ehizakietan eragingo zuenaren antzekoa: prebentzioa, beldurra eta ihesa. Dena zen ikaragarria eta oldarkorra Dragani zegokionez, haren neurriak, gorpuzkera, begirada. Ia bi metro neurtzen zituen Draganek. Oinetatik bururaino. Baina besaburu batetik bestera ere antzeko neurri bat izan behar zuela esatera ausartuko zen Fidel. Aldean zeraman kamiseta XXXL neurrikoa izan behar zuen, eta hala ere besoetatik eta bularretik lehertze zorian zegoen. Arropek agerian uzten zioten azalean -besoetan, idunean, kokotean- itxura guztietako tatuajeak erakusten zituen. Ilea, horia, oso horia, eta bat neurrian moztuta. Begiak, urdin argiak, zuriak. Fidelek arazoak zeuzkan holako norbaitekin gizarte harremanetan sartzeko. Ez zuen sinesten Dragan bezalako norbaitekin elkarrizketa eroso bat izan zezakeenik. Noski, deserosotasuna lekuren batetik azaleratu behar zitzaion, goiz edo berandu. Goiz azaleratu zen: – Pozten naiz ni ere. Laguna diok, Jairo? Auzoko bizilagunak zarete ala? Edo ile apaindegiko bezero ohi bat duk? –Isilik ez gelditzearren galdetu zituen hauek, eta berehala damutu zen-. – Jairok asko lagundu ninduen hona heldu nintzenean, Albaniatik. Ez nuen inor ezagutzen hemen, ezta hizkuntza ere, ez neukan lanik, ez etxerik. Kalean nengoen, kale gorrian, gosea nozitzen, Jairorekin topo egin nuenean. Eta gizon honek bere etxean hartu ninduan, gehien behar nuen momentuan. Hori dela eta, betirako zorpean egongo naiz Jairorekin. Inoiz ezingo diot behar bezala eskertu nigatik egin zuena. – Tira, Dragan, hainbesterako ere ez zuan izan. Bakarrik bizi ninduan eta lekua nian etxean. Eta orain, hemen ere primeran nagoela ikusi duk. Badakik zertan etorri zaidan gaur? –Fideli galdetu zion hau Jairok.- Ba ea The Hills honetan behar bezala tratatzen nauten ikustera. Ez duk fio. – Ez naik harritzen, nire ilobek ere kontu berbera ekarri ditek-eta. – Norbaitek behatu behar du hori –Draganek Jairori, serio-. Zuk ez daukazu familiarik eta tratu kaskarra edo zabarra jasoko bazenu, nork erreklamatuko luke? Badaezpada datorren asteburuan itzuliko naiz. – Eskertzen diat bisita –Jairok-, nahi duanean etor haiteke, baina ez nigatik larri hagoelako. Lasai egon. – Iristerakoan baino lasaiago noa, baina ez erabat. Gogoratu esan dizudana: zerbait arraro edo deseroso gertatuz gero, deitu. Berehala! Hitz txarren bat, erantzun desegokiren bat… Zuk ere, Fidel, mesedez. Baietz egin zuen Fidelek buruarekin, berriz ere Draganen begirada bere gainean sentitzeak ez baitzuen lasaitzen, kikiltzen baizik. – Lasai, lasai. Joan hadi. Igande arratsaldea duk eta emaztea eta seme-alabak zain izango dituk, zinemara edo paseoan joateko. Goraintziak familiari –Jairok haur bati hitz egingo liokeen moduan egiten zion Dragani, mendi baten tamainako gizonkote hari-. – Hire partez. Lehen esan dizudanari buruz –hau esateko nabarmen jaitsi zuen ahotsa Draganek, inguruko inork ez entzuteko moduan-, zerbitzuren bat nahi izanez gero, deitu ere. Zuretzat doan dira, badakizu. Fideli ere, nahiko balu, prezio berezia egin diezaioket, zure laguna izanik. – Zer? –Fidel zerbait ulertu ez zuela konturatu zen.- – Orain azalduko diat –Jairok Fideli-. Agur Dragan. Milesker bisitagatik. Behin egongelan biak gelditu zirenean, Jairok eta Fidelek patxaran berri bana zerbitzatu zuten. Jairok aurreko elkarrizketak iradokitako hutsuneak betetzen hasi zitzaion Fideli. – Plaza Nagusian ezagutu nian Dragan. Orain dela hamar urte gutxi gorabehera. Gazteagoa zuan, baina gaurko itxura bera zian. – Zezen bat ukabilkada batez akabatzeko gai denaren itxura esan nahi duk. – Horixe bera! –Barre egin zuen Jairok.- Etxera gonbidatu nian eta harreman ona izan genian hasieratik. Etxean gelditzeko esan nioan. – Lehenengo egunean? Ezertaz aurretik ezagutu gabe? Zoratuta hengoen ala! Halako egoera batean, nire gorpuzkiak hiriko lau puntetan aurkituko zituztenaren beldur izango ninduan nik. Gainera… Plaza Nagusian? Barkatu txarto ulertu badiat, baina ez al duk hori txaperoak biltzen diren tokia? – Hori esan nahi nian. Txapero baten bila joan ninduan Dragan ezagutu nian egun hartan ere. – Eta etxean egon zuan bitartean, zerbitzuengatik ordaintzen hion? – Jakina. Bestela, etorkin baten egoera larria ustiatzen egongo nintzela sentituko nian. Baina prezio berezia egiten zidaan aterpe eta janariaren ordainean. Garai hartan hizkuntza ikasi zian, oso laster gainera, eta lanbide berriak bilatu zitian. Txapak utzi eta diskoteka batean atezain bezala lan egiten hasi zian, eta handik gutxira bere enpresa propioa sortu zian. Sustatzaile bat duk Dragan, jaiotzaz. Esku hutsik iritsi zuan eta orain negozio gizon boteretsu bat duk. – Gaizki ulertu ez badiat, ezkonduta zagok? Emakume batekin? Ez zuan ba, gay? – Dragan? Bai zera! Dragan hetero hutsa duk. Elkar ezagutu genuenean bazegoan ezkonduta, baina emaztea eta seme nagusia Albanian zeuzkaan. Guztientzako etorkizun hobe baten bila etorri zuan hona. Haiek ekartzeko diru nahikoa bildu zuenean, etxetik alde egin zian. Baina ez diagu sekula harremana galdu, ikusi duanez. Fidelek, adinagatik, eskarmentuagatik, gauza hauen bueltan egon behar zuela uste zuen, eta ez zuen harridura imintzio handirik egin. – Zeintzuk dituk ba Draganen negozio horiek? Jakiterik bazagok. – Nola ez. Gardenak dituk, erabat. Ez pentsa. Esan diadanez, atezain bezala lan egiten hasi zian kalea utzi zuenean, eta handik lasterrera, bere nortasun ekintzaileak bultzatuta, atezainen enpresa bat sortu zian, beste albaniar herrikideak kontratatuz. Draganek atezain bezala izen ona lortua zian gaueko enpresarien artean, eta hortaz, berak aurkeztutako atezainek kalitate bereko zerbitzuak eskainiko zituztela uste zitean enpresariek. Eta hala gertatu zuan, handik lasterrera hiriko diskoteka eta gaueko lokal guztietan atezain albaniar bat jartzea lortu zian. Atezain albaniarrek beste edozeinek baino hobeto egiten zutelako bere lana lortu zian maila eta abiadura horretako arrakasta. Haiek zaindutako ateetan ez zagok sekula gatazkarik, borrokarik; eta ez duk sartu behar ez den inor sartzen, bazakiat, droga saltzaileak eta horrelakoak. – Ez, egia esan ez nekian, baina hik badiok… – Ondo azpimarratu nahi diat, esamesa ugari baitabil hortik, konpetentziako enpresari bekaiztiek zabaldutakoak. Draganek eta bere lankideek kontratuak lortzeko presioa eta mehatxuak erabiltzen dituztela dio jendeak, diskoteken jabeak beldurtuta dauzkatela. Kontratatzen ez badituzte, ateetan eta diskoteketan beraiek eragingo dituztela gatazkak iradoki edo zuzenean esaten dietela. Ez hori soilik, baita Draganen atezainek zaintzen dituzten ateetatik, haiek nahi dituzten droga saltzaileak besterik ez direla sartzen, haiei eskupekoak ordaintzen dizkietenak, alegia. – Orain dioala, zerbait entzun edo irakurri diat. – Gezur ustela guztia. Draganen atezainek euren lana ondo egiten ditek, besterik ez. – Eta zertarako behar duk hik atezain zerbitzu bat? Eta zertarako beharko niake nik? Zerbitzu bat eskaini diala entzun diat. Eta niri prezio berezia egiteko prest egongo zitzaidala. – Hori bere beste negozioa duk. Bere txapero garaietatik, sektoreko langile ugarirekin harremanak zeuzkaan, eta txapero lanak utzi zituenean, pisu bat antolatu zian eta baita teletxapero zerbitzu bat. Inor gutxiri gustatzen zaiok kalean lan egitea, eta txapero gehienek nahiago ditek pisu baten aterpea eta babesa, edo atez-ateko zerbitzuak egitea. Berak, Draganek, pisuaren alokairua eta mantentzea ordaintzen ditik, eta komunikabideetako publizitatea, web-orria eta bitartekaritza lanak ere. Draganek, honetan ere, ezagutzen zituenen arteko langile hoberenak, eraginkorrenak, kontratatu zitian hasiera batean, eta plantilla berritzen eta zabaltzen joan duk denborarekin. Eta nik, betidanik erabili ditudanez txaperoen zerbitzuak, Dragani eskatzen nizkioan hasieratik, gastua egitearren, baina beti oparitu zizkidak. Izatez, berak ordaintzen ziek txaperoei nire izenean, etxean egon zeneko garaia eskertzeko edo. Eta hik, ba hori, nahi izanez gero prezio merkea lortuko hukeela. Zerbitzu paregabe batengatik. Hori bai nik bermatu dezakedala. – Ez diat ohiturarik, baina batek zakik. Kontuan izango diat. XI Sometimes I´m so sweet even I can´t stand it. Batzutan hain goxoa naiz ezen nik neuk ezta ezin dudala jasan. JULIE ANDREWS – Egun on, Fidel. ASTEARTEA da gaur, apirilaren hogeita laua. Goizeko ZORTZIAK dira. Hamazazpi gradu daude kalean. Hogei graduko tenperatura espero da gaurko, gehienez. Ez dirudi bidaiarik aurreikusita daukazunik gaurko. Sakelako telefonoaren sistema operatiboak Fidel esnatu zela igarri zuen, haren eskumuturrekoak bidaltzen zion informazioari esker, eta Fidelek egunero behar zuen informazioa ematen zion, ordu horretarako egokia zen ahots tonu abegitsu eta samurrarekin. – Zure intereseko hedabideetako LERROBURUEK indarkeria gertaerak dakartzatela ohartzen dizut, zuk erabakitzeko ENTZUN edo kafe osterako ATZERATU nahi dituzun. Fideli ez zitzaion atsegin labankada, tiro, leherketa eta antzekoak zekartzaten albiste gogorrekin esnatzea. Soberan zekien hau Chrisek, eskarmentuagatik, eta aukera ematen zion lerroburuon irakurketa atzeratzeko, esnatzea ez ziezaion mingostu. Chris izenarekin bataiatu zuen Fidelek bere mugikorraren sistema operatiboa, zeren, nahiz eta gorputzik gabeko ahots bat besterik ez izan, Ramiro Oliverosenaren antzeko ahots maskulino eta aldi berean belusezko hura, Fidelen irudimenean, Platonen haitzuloan itzalak egitera jolasteko moduko fisikodun mutilkote batena izan behar zuen. Hortik Chris izena: ahots hura Chris izendun aktore guztien sinbiosi batena zirudielako –Chris Hemsworth, Chris Evans, Chris Pine eta Chris Pratt-. – Berdin dio, aurrera –agindu zion Fidelek-. – Marrazoek hildako pertsona bat aurkitu dute egunsentian Zoo-Aquariumean. Ikerketako iturrien arabera, Greta Badiola, telebistako aurkezle ezaguna, izan daiteke biktima. – Zabaldu! –Fidelen interesekoa omen zen albistea.- – Senideek ezin izan dute biktima identifikatu, jasandako lesioen larritasunagatik guztiz desitxuratua agertu baita gorpua, eta DNA frogaren emaitzaren zain daude euren susmo txarrenak berresteko. Dena dela, ustezko hildakoaren amak, Elisa Badiola telebistako aurkezle ezagunak, marrazoen ontzitik ateratako objektu batzuk bere alabarenak bezala identifikatu ditu, hala nola, ileorde bat, bisuteria oneko eraztun bat zeraman atzamar bat eta Greta Badiolaren NANa barruan zeukan zorro bat. Telebista aurkezle ezaguna hiriko gau aisialdirako lokal baten inaugurazioan egon zen bart. Lekuko anitzen arabera, gaueko hirurak aldera utzi zuen lokala, bakarrik eta bere autoa gidatzen. Ordutik aurrera ez dago haren nondik norakoen inguruko lekukotzarik. Desagertuaren autoa eta bere sakelako telefonoa, bizi zen eraikinean aurkitu dira, bere jabetzako aparkalekuan. Zoo-Aquariumaren garbiketa eta mantentze langileek aurkitu dituzte gorpuzkiak goizeko lehen orduan, instalazioak publikoari zabaldu aurretik. Iturri forentseek diotenagatik, biktimak labankada ugari jaso behar izan zituen ontzira jaurtia izan baino lehen. Horrek marrazoen ankerkeria azalduko luke, odolak erakarri eta kitzikatuta. Baztertuta dago, arrazoi honengatik, suizidioaren hipotesia. – Nahikoa! Gertatu beharrekoa. – Barkatu? –Chrisek ez omen zuen ulertu bigarren esaldia Fidelen hausnarketa bat zela, ahots ozenez, eta ez berarentzako agindu bat, lehenengoa bezala.- – Barkatu, ez nazazu gaizki ulertu. –Tramankulu baten aurrean bere burua justifikatzen ari zela konturatu zen Fidel, baina auskalo gailu haiek entzundakoa nola prozesatzen zuten eta nora iristen zen informazioa.- Ez dut iradoki nahi Badiolak jaso zaiona merezi zuela, ezta antzekorik ere. Tragedia bat da, amaiera lazgarri bat bizitza batentzat, zalantzarik gabe. Baina, hiltzailearen arrandia eta handikeria alde batera utzita, albisteak inor gutxi harrituko duela esan nahi nuen. Besterik ez. Urte askotan neska honen lana, bere karrera osoa, beste pertsonei buruz gaizki hitz egitea izan da, haien lepotik barre egitea, haiek umiliatzea, eta gorroto asko biltzen da horrela. Azkenean aurpegian eztanda egin behar zion. Amata zedila agindu zion Fidelek Chrisi, tresna elektroniko Made in Taiwan bati hainbeste azalpen eman izanagatik lotsatuta. Zer nolako informazio zeihar, faltsu eta oker emango zion zorioneko gailutxoak Big Datari, Fidelen emakumeen gaineko indarkeriari buruzko aburuez? “Nork esango zion Orwelli, Anaia Handia jakaren poltsikoan eramango genuela, eta gure borondatez.” Garbiketak egin zituen, jantzi zen eta gosaltzera jaitsi zen. Sukaldean Manu aurkitu zuen, besoak mahai-pantaila gainean gurutzatuta albisteak irakurtzen –sukaldeko mahaian pantaila ugari zabaldu zitezkeen gosaltzen zen bitartean Interneten murgildu ahal izateko-. Irribarretsu zegoen, irribarre zintzo eta kontent batekin, apustu bat irabazi duenarena bezalakoa. Egun on opa zion Fidelek. Manuk Fidelen agurrari erantzuteko soilik altxa zuen burua eta irakurtzen jarraitu zuen. Eta irribarre egiten. – Badiola gaztearena entzun duzu? Manuren galderak, azken orduko albiste baten jabe bakarra dela uste duenaren tonu grinatsu eta harroputzarekin egina, Fidelen susmoa berretsi zuen: Manuren irribarrea ez zen bere fulbol taldeak edo alderdi politikoak irabazi zutelako, Zoo-Aquariumeko sarraskiagatik baizik. – Esnatzerakoan entzun dut. Basakeria bat. Zoraturik gaude. Manu izanik, hari arrazoia ezin ematea eta haren poztasuna ezin partekatzea apur bat sentitu zuen Fidelek. Gustukoa zuen Manu, eta hori ez zen gainontzeko egoiliar guztiei buruz esan zezakeen zerbait. Aste gutxi batzuk besterik ez bazeramatzaten elkarbizitzen, baina jada horrelako ezberdintasunak egiteko nahikoak ziren. Egoiliar batzuekin parrandan, oporretan edo munduaren amaierara ere joango litzateke. Talde honetakoak ziren Jairo –itxuraz anabasa batean bizi arren, agian bizitza hoberen gidatzen zuena izan zitekeen-, Wallace –eta haren mundu arrotz eta liluragarria, Ray Bradburyren kroniketatik ateratakoa bezala-, Paul –nahiz eta berriz elkarri huts egingo ziotela bazekien Fidelek-, eta Manu ere bazela sumatzen zuen Fidelek; tipo zintzo, burutsu bat, bizitza oso bizia izandakoa, baina bere buruari garrantzirik ematen ez ziona. Eta erakargarria. Bai, egia esan behar bazuen Fidelek, onartu beharra zeukan: Manuri hainbeste bertute egozten bazizkion, fisikoki erakartzen zuelako zen. Ardatzaren beste erpinean, beste hillstar batzuekin kontakturik ere ez zuen nahi Fidelek, haien hortzen aurka su-itzalgailu bat apurtzeko gogoa eragiten ziotelako. Borja eta Dylan zeuden hauen artean, jakina. Fidelek bere bizitzan zehar, urteen joanean, pertsona berekoi eta nartzisistak hobeto jasaten ikasi zuen, kasu askotan haien portaera biziraute estrategia bat besterik ez zela ulertu zuelako. Afektibitate-gabezia gogorrak sufritu zituen jendea izan ohi ziren halako pertsonak, nork zaindu ez zeukatenak bere burua ez bazen. Baina Borja eta Dylanen kasuan, eta The Hillseko ingurumenari zegokionez, haien etengabe atentzioa eskatzen aritzeko jarrerak goragalea eragiten zion. Bizilagun guztiak maletak eskuan atetik sartu ziren egunetik, Borja eta Dylanen solas eta imintzio guztiak histrionikoak izan ziren, gehiegizkoak, soberakoak, sirena baten edo turuta baten soinua bezalakoak, edo buru gainean foku bat piztea bezalakoak. Zergatik jokatzen zuten horrela? Zertarako? Hura bezalako ingurumen itxi batean, bizilagun guztiak adineko gizon homosexualak baziren eta, hortaz, nahiko antzekoak, elkarren artean ondo ulertzeko arazorik ez zutela izango suposa zitekeen. Zergatik orduan The Hillsen ere une oro protagonista izateko grina hura? Deformazio profesional mota bat izan behar zuela pentsatzen zuen Fidelek, urte luzetan lanean garatutako ohiturak, behin erretiratu ondoren utzi ezin direnak, militar eta itsasontzi kapitain erretiratuek euren senideei aginduak ematen dizkietenean bezala. Azalpen horrek Borja eta Dylanen portaera ulertzeko balio zion Fideli, baina, ulertuta ere, jasangaitza zeritzon. Gainontzeko hillstarrak muturreko talde batean edo bestean sartzeko gai ez zen Fidel oraindik, nahiz eta haien gaineko kexarik ez izan, alderantziz. Ordura arte jende atsegina suertatu ziren guztiak, dibertigarriak –batzuk beste batzuk baino gehiago-, heziketa onekoak eta maitagarriak ere. Anaien artean bizi balitz bezala sentitzen zen Fidel, baina bizilagun guztiak anaiatzat hartu baino lehen, aldi batez zaintzapeko askatasunean mantendu nahi zituen. – Nire lankide heteroen artean arrakasta handia zeukan, hots, nire lankide guztien artean –Greta Badiolari buruz ari zen Manu-. “Interlude” aldizkarian atera zeneko posterra eskegita zeukaten lantegian. – Nire erabateko gaytasunetik hitz eginik, zure lankide heteroek Greta Badiolaren biluztasunean zer ikus zezaketen ulertzeko ezgai bihurtzen nauena, erreportaje hori bere urte onenetan ez zela egin esatera ausartuko nintzateke. Sekula ez duela urte on bakar bat izan esatera ere ausartuko nintzateke, baina ulertzen nauzu. Gainera ez zuen ezer erakusten. Ezer kritikorik. Bide batez, non egiten zenuen lan? Tailer mekaniko batean? Galdera egiten ari zen unean tonu gutxiesgarria zeukala ohartu zen Fidel, eta lotsatu zen, erantzuna baiezkoa izan zitekeelako. Hitz egin aurretik pentsatzera ohitu behar zen. – Antzeko lekuren batean –erantzun zuen Manuk, iraindua sentitzearen izpirik gabe-, pneumatiko fabrika batean. Txandaka. Berrogei urtez. Horrela dauzkat loaren zikloak, txiki-txiki eginda. – Tira, Greta Badiola gomaz inguratuta alde guztietatik. Fetitxista bihurri baten ametsa. Sexu erreferentzia bat egin zuen inolako beharrik gabe? Argi zegoen bere inkontzienteak sexua mahai-pantaila gainean jarri nahi zuela, Manuren aurrean bakarka zegoela aprobetxatuz. Patetikoa. – Gixajoa –jarraitu zuen Fidelek, Manuk sexu iradokizunik sumatu ez zezan-, goian bego. Propio landutako autoparodia bat bezala ikusi nuen beti. Hori zen bere alde dibertigarria. Bakarra. Kritikatzen zutenek aurpegiratzen zioten guztia, konpondu ordez, gehiago nabarmentzen zuen: bere talentu eta profesionaltasun falta, bere modarako gustu ikaragarria, bularrak beti lehertzear baleude bezala erakustea, paella egiteko untxi gizenduaren itxura… – Egia esateko, kritikatzen zioten hori guztia, bere jarraitzaileei gehien gustatzen zitzaiena zen, bere benetako marka. Eskarmentuz esan dezaket: gure pneumatikoak bezain estu ez balihoa beti, nire lankideek ez zuketen bere posterra lantegian eskegiko. Manuk Greta Badiola bezalako gaien inguruan irizpideak eta aburuak zeuzkan! Ingurumen hetero batean murgilduta igarotako berrogei urtek ez zuten lortu gay baten jaiotzatiko sena, joera genetikoa, menderatu. Fidelek berak ere bazekien hori horrela zela, ez baitzuen alferrik berrogei urtez petrolio-findegi batean lan egin. – Egia da –onartu zuen Fidelek-, eta bere markaren irudiari leiala izateak are jarraitzaile gehiago erakarri zizkion, ahalik baldar eta irrigarrien izateko bere esfortzuan noraino iristeko gai zen jakiteko zain zeudenak. Dena dela, Gretaren jokaera hori, ez dut uste kritikatzen zutenei oldartzeko asmoarekin hartutako jarrera koherente eta irmo bat zenik. Kritikez ez zela ohartzen esango nuke, edo bekaizkeriari egozten zizkiola. Hain zen buruarina eta harroputza, ezinezkoa gertatzen zitzaiola arrazoia ematen ez zion inor entzutea. Bere xarmaren zati bat zen hori. – Nik hari buruzko komiki bat marraztu nuen. –Manu sorpresa kutxa bat zen.-Komiki kaiku-erotiko bat zen. Lankide bati oparitu nion bere urtebetetzean, posterra eskegi zuenari hain zuzen. – Komikiak marrazten dituzu? Erakutsiko dizkidazu? Benetan diot. Azken adierazpen hauek Fidelek barnean zeraman quinceañera argitara atera zuten. – Marraztu eta idazten ditut. Bizitza osoan egin dut, baina zaletasun bat bezala. Noizbait profesional bihurtzen saiatu nintzen, baina noizbehinkako enkarguak baino besterik ez nituen lortu. Ezingo nukeen egunero jateko nahikoa diru lortu eta, gainera, ez zen nik benetan egin nahi nuena. Nire komikiak argitaratzea zen nik nahi nuena, ez beste batenak marraztea. Pneumatikoen fabrikan hasi nintzen behin-behinean, nire obra handitzen nuen bitartean, eta erretiroa heldu zitzaidan. Berandu, agian, baina orain egun osoa daukat idatzi eta marrazteko, gosez hil gabe. Ziur zuri ere antzeko zerbait gertatu zitzaizula petrolioarekin. – Ez, inola ere –erantzun zion Fidelek-, nik peritu izan nahi nuen eta hori izan da nire lanbidea bizitza osoan. Egia da, ustezko liburuzale eta zinemazale amorratu askok baino liburu gehiago irakurri eta film gehiago ikusi ditudala, baina aisialdirako aukera bat bezala egin dut beti, ez xede profesional batekin. Ezkonduta ez egoteak eta seme-alabarik ez izateak asko irakurtzeko eta film asko ikusteko aukera erraztu didala esango nuke, hori bai. Txikitan bai nintzela komikizalea, tebeo deitzen ziren garaian. Eskuetara iristen zitzaizkidan guztiak irakurtzen nituen, Bruguerarenak, badakizu, “Zipi y Zape” eta “Mortadelo”, baita “Jabato” eta “Capitán Trueno”-renak, eta superheroienak ere. Gero, helduaroan, Nobela Grafiko izena hartu zutenean, jaramon handirik ez diedala egin aitortu behar dut, beharbada nire jaramona garrasika eskatzen ari zirelako. Zeren ingurukoak izan ohi dira zure komikiak? – Arrazoi duzu. Nobela grafiko izena hantuste dela uste dut nik ere. Gainera klasismo antzeko bat ezartzen du komikien artean, haietako batzuk literatura balira bezala eta beste batzuk ez. Non dago muga? Nork ezartzen du? Nire hasierako komikiek, guztiz osatutakoek, zirriborro hutsak ez ziren lehenengoek, asko zeukaten nobela grafikoz. Edo hori uste nuen nik marrazten ari nintzenean. Conraden “The Shadow Line”-en edo Jamesen “The Turn of The Screw”-ren bertsioak marraztu nituen, adibidez. Azken hau ez zitzaion inori gustatu. Horren arrazoia mamuak ez zirela marraztuta inondik agertzen pentsatu nuen orduan, baina agian ez zen nik uste bezain borobila. Kafkaren “Zigor-kolonia” izan zen nire azken adaptazioa. Denbora luzez lan egin nuen Kafkak sortutako mundua iruditara itzultzera saiatzen, baina azkenean amore eman nuen. Edozein marrazki zehatzek Kafkaren iradokizun amaiezinen murrizketa bat litzatekeela ondorioztatu nuen. Bereziki Kafka zein marrazkigile ona zen aintzat hartuta. Bere istorioak komiki moduan kontatu nahi izan balitu, egingo zukeen. Kafkari buruz ikasi nuena gainerako narratzaileentzat ere baliagarria zela pentsatu nuen eta adaptazioak marrazteari utzi nion. Nire istorio propioak asmatzen ditut ordutik, aspalditik. Umorezko istorioak izaten dira azken aldian, munduaren inuzentekeria orokorra kasu xehetan islatzen saiatzen direnak. Momentu honetan bokaziodun coach baten istorioan lan egiten ari naiz. Pentsamendu positiboaren sinestun amorratu bat da protagonista, zinez nahi duzun edozer lor dezakezula sinesten duen norbait, aldi berean nahiko tipo ezjakina dena, bere analfabetismoa agerian uzten duena etengabe. Bere bizitza erabateko hondamendi bat da, bai sentimenduen aldetik eta bai alde profesional eta finantzarioan ere, baina bitartean berak etengabe aholkuak eta gomendioak ematen dizkio jendeari, haien xedeak lortzeko moduari buruz, eta, jakina, jendea arazotan sartzen du etengabe ere. – Itxura oso ona dauka. Irakurri nahiko nuke. – Ez da beharrezkoa. Badirudi horretarako txandrio egin dizudala. – Ez, ez, benetan diot. – Ados. Amaituta dagoenean erakutsiko dizut. Bide batez, gaur goizean hemendik bi etxaditara dagoen komiki denda batera joateko asmoa neukan. Hiriko onena da eta ia astero joaten naiz, hona bizitzera etorri aurretik ere. Egia da jada ez dutela saltzen Interneten aurkitu ezin den ezer, baina sarean sartzen zarenean, ni behintzat, zerbait zehatzen bila sartzen zara beti. Dendetan, ordea, existitzen zela ere ez zenekien zerbait aurki dezakezu. Ea etorri nahi duzun galdetzeko kontatzen dizut hau guztia. Zure gustuko zerbait aurki zenezake, agian. – Tira, bai –erantzun zuen Fidelek, harrituta, totelka-, ideia ona deritzot. Ez neukan gaur goizerako bestelako planik, egia esan. Egoera goitik behera aldatu berri ote zen? Manu ote zen oraingoan berari amua luzatzen ari zitzaiona? Edo adiskidetasun baten hasiera besterik ez zen hura? Adiskideek elkarrekin egin ohi dituzte horrelakoak. Manuren proposamenean ez zegoen bestelako iradokizun ezkuturik. Ez zegoen? Fidelek denbora luzeegia eman zuen sexu eta sentimenduen merkatuan, balizko bikotekideen gerturatze eta aldentzeak balioesten, eta pertzepzioa eraldatuegia zeukan zentzu horretan. Baina, Manuk ez zuen edukiko ere, ala? Auskalo. XII Everything I learned, I learned from the movies. Ikasi dudan guztia, pelikuletatik ikasi dut. AUDREY HEPBURN Ez bideo-jokorik ez fulbolik, Fidelek ez zituen inoiz hillstarren artean hedatuen zeuden bi zaletasunak partekatu. Pokerrak erakartzen zuen, horrek bai, baina aldi berean beldur itzela eragiten zion. Amildegi horretara hurbilduz gero, pentsio plana xahutu eta ondasun guztiak galduko zituela beldur zen. Gainera bazekien bere burmuinak ez zeukala jada pokerrak eskatzen zuen bizkortasuna. Hortaz, The Hillsen egunero antolatzen ziren partidetatik aldenduta mantentzen zen. Hori bai, bere bizikide guztiekin partekatzen zuen zaletasuna ikus-entzunezko produktuen kontsumo konpultsiboa zen, binge-watching deitutako hori. Hillstar bakoitzak bere gelan pantaila bat eduki arren, ados jartzen ziren egoitzako zinema gelan denak batera maratoiak egiteko. Alain eta Elenek noizbait etxeko liburutegia izandako gela zinema areto txiki baten moduan antolatu zuten, lerrokatutako eserleku bigunekin eta pixel kopuru erraldoi bat zeukan proiektagailu batekin, hillstarren ikusmen kaltetuek behar bezala preziatu ezin zutena. Txandaka erabiltzen zuten aretoa, bideo-jokoetara jolasteko eta binge-watching sesioetarako. Antolatzen zituzten maratoiak telesail berrienak izan zitezkeen, baina baita telesail klasikoenak, hala nola, Alf, Knight Rider edo Dinastyrenak. Film-maratoiren bat ere antolatu zuten, John Watersena esaterako, zeinean “Female Trouble” historiako filmerik onena zela berretsi zuten. Edo arratsalde hartan ikusten ari zirena, beste jeinu batena: John Hughesena. Fidel eta Iago bakarrik zeuden aretoan. Zirudienez, The Hillsen ez ziren asko Fidelen pasioarekin bat zetozenak. Nerabeen komediak ziren pasio ia aitorrezin hura, errituz beterikoak, arketipoz, botere borrokez, hormonez eta “angst”-ez. Iago, antza, bazetorren bat, edo, hobe esanda, Fidelen obsesiotik haratago zihoan. Film haiek neurri handi batean dokumentalak zirela zioen Iagok. Irakasle izandakoa zen Iago, baina lehen mailako heziketan, ez institutuan, eta hala ere nerabezaroaren inguruko ezagutza zabalak omen zeuzkan; zeren, edozein nerabek nerabe izateagatik soilik sentitzen duen klaustrofobia, Hughesek beste inork baino hobeto islatu zuela mantentzen zuen. – Edozein nerabe –zioen Iagok-, bai sonatuena eta bai baztertuena ere, egokituena eta outsiderena, edozein kulturan jaio edo hazitakoa, zanpatuta sentitzen da, aldatzen ari zaion eta arrotz gertatzen zaion gorputz baten barruan, mundu estu batean, berak aukeratu ez dituen arau eta ordutegi batzuen menpean. Sentimendu unibertsal bat da, nahiz eta norbanakoaren, garaiaren eta gizarte eta kultura ingurumenaren arabera, modu ezberdinetan adierazten den. Eta John Hughes izan da sentimendu hori zineman hoberen islatu duena. Gehiegikeriarik gabe, tragediarik gabe, baina aldi berean garrantzirik kendu gabe. Haren filmetan, itxuraz gatazka ñimiño bat dena, pertsonaientzat mundu oso bat da. Dela soineko arrosa bat jostea graduazio dantzaldira joateko, dela piperra egin eta zuzendariari iskin egitea, dela larunbat goiz batez zigortua izatea. Guztioi gertatu zaizkigu horrelakoak! Baina batzuei ahaztu zaiela ematen du. “Pretty In Pink”, “Sixteen Candles” eta “Ferris Bueller´s Day Off” ikusi berri zituzten segidan, eta indarrak berritzen zeuden, koroako bitxitzat hautatu zutena ikusi aurretik: “The Breakfast Club”. – Zuk zure lanean honelako istorioak egunero ikusiko zenituen –esan zion Fidelek-. – Lehen mailako heziketako irakasle izan nintzen ni, ez bigarren mailakoa. Umeekin lan egin dut bizitza osoan, ez nerabeekin. Adin horretan bestelakoak izaten dira arazoak. Lehen mailako haurrek arazorik ez daukatenik ez dut esan nahi, ezta eragiten ez dituztenik ere, baina nire bizitza profesionalean arazoak eragin dizkidatenak eta bizitza mingostu didatenak gurasoak izan dira beti. – Imajinatzen dut. Ez didazu inbidiarik ematen. – Lehen mailako heziketan gurasoak ez dira ohartzen euren seme-alabak gizaki autonomoak direla. Euren eranskin bat balira bezala tratatzen dituzte. Adin horretako umeen kasuan, gurasoek ezin dute onartu euren semea edo alaba zerbait ulertzeko, matematika problema bat ebazteko edo perpaus bat zuzen idazteko gai ez izatea. Beraiek, gurasoak, gai badira, semea edo alaba ere gai izan behar duela sinesten dute; eta semeak edo alabak ezin badu edo txarto egiten badu, irakaslearen errua da. Umeak zoruko lauzak zenbatzen edo hegodun zakilak marrazten botatzen baditu eskolak, adimentsuegia delako da, apartekoa, eta irakasten dioguna ez delako bere interesekoa. Hezkuntza sistema ez omen dago holako jeinuentzat prestatuta. Zer esanik ez, nola ulertarazi guraso bati bere hamar urteko semetxo edo alabatxoak maltzurkeriarako gaitasuna badaukala, eta ahulei iseka egiten diela. Zerbait pertsonal bezala hartzen dute. Niri, kasuren batean, umeari inbidia niola iradoki zidaten. Hamar urteko umemoko bati! Aitari inbidia niola zen iradoki nahi zidatena, jakina. Pentsa ezazu, BMW SUV batean etortzen zen ganorabako bat, giharrak erakusteko jaka estu bat zeramana lehertzear. Ez dakit zertan lan egiten zuen, baina Txinara asko bidaiatzen zuen, behin eta berriz errepikatzen zidan-eta. – Arrazoi askorengatik ez dut seme-alabarik izan, baina haien artean nagusietako bat beste ikasleen gurasoekin harremanik ez izateko izan zen. Infernuko seigarren eraztuna jabeen komunitate baten batzarra izan behar da, eta zazpigarrena, ziur, ikasleen gurasoen elkarte baten batzarra. – Ez nau harritzen zure erabakiak –erantzun zion Iagok-. Nik ostera seme bat izan nuen. Egia esan ez zen seme bat izan. Saharako ume bat izan nuen harreran aldi batean, eta hasieratik argi izan nuen harrera zer zen eta nola bukatu behar zuen. Mundu guztiak ez zuelako berdin ulertu diot hau. Ume bat zure etxean hazteak, babesteak, zaintzeak, maitatzeak, ez zaitu ezeren hartzekodun bihurtzen, ez dizu umearen gaineko eskubiderik ematen. Udetan etortzen hasi zen, Sahararekiko anaitasunerako elkarte batek antolatutako talde batean. Hirugarren urtean, elkarteko batzuek, harreran ekarri genituen umeak ikasturtea hemen ikas zezaten, baina udan Tindufera euren sendiekin itzultzeko baldintzarekin. – Miresgarria deritzot zure eskuzabaltasun horri. – Eskuzabaltasuna –Iagok-, ume bati zuzenduta doanean behintzat, desinteresatua izan behar da, eta taldeko guztiek ez zuten berdin ulertu. Lau besterik ez ginen “hartzaileak”, eta beste hirurek euren ustezko “semeak”, mutilak baitziren guztiak, udan bueltan ez bidaltzea erabaki zuten. Umeek jada lan egiteko adina bazeukatela zioten, eta, agian, gurasoek hurrengo ikasturterako ez zituztela bidaliko eta ikasketak ez zituztela amaituko. Umeak eurekin hobeto zeudela aurrez suposatzen zuten, herrialde aurreratu batean, bere guraso eta sendiekin baino, errefuxiatuen kanpamentu batean, etorkizunik gabe. Jarrera berekoi eta kolonialista bat zela haiena uste nuen eta hala jakinarazi nien. Adin-txikiko bat bere sendiari ebatsiko bazioten, ni haien taldean ez sartzeko esan nien. Ume batek hemen etorkizun hobeago bat izango zuela uste bazuten, Saharan baino, munduaren ikuspegi estu eta makur bat zeukatela ere esan nien. Eta azkenik, zer nolako etorkizuna zeukan herri hark galdetu nien, seme-alabak bahitzen bazizkioten. Horrela lagundu nahi zioten saharar herriari? – Dramatikoa ez balitz barre egingo nuke. Ziur hiru horiek Mendebaldearen gehiegikeriez, paternalismoaz, beti kexu diren horietakoak zirela. Eta azkenean Mendebaldearen pribilegioak eskubide bezala aldarrikatzen amaitu zuten. – Horixe! Elkartetik bota ninduten, noski, edo elkartetik geratzen zenetik, eta umea bere senideekin itzuli zen. Ez zen bueltatu, espero zitekeen bezala, gurasoek ez baitzuten nahi besteak bezala bahi zezatela. – Bahiketa anaitasun ekimen bezala. Hamaika ikusteko jaioak gara. Dena dela, zuk egin behar zenuena egin zenuen. Harro egon zaitezke. – Egin nuen guztia nire borondate onenarekin egin nuen, bai. Baina beste batzuk, ekintza gaitzesgarri bat burutzeko, nire borondate onaz baliatu zirela pentsatzeari ezin diot utzi. Nire hasierako laguntzarik gabe agian ez ziren hain urrun iritsiko. – Zure jokabidea koherentea eta miresgarria izan zen. Ez eman bueltarik. Maratoiaren azkeneko traka falta zaigu eta. XIII I like simple things, elastic waists so I can eat. Gauza sinpleak atsegin ditut, gerri elastikoak jan ahal izateko. BARBRA STREISAND Egoitza barruko eguneroko elkarbizitza nola zihoan behatzeko, beste bisitatxo bat egin zuten Alainelenek. Den-dena beraiek euren egitasmoan aurreikusi bezala ote zihoan berretsi nahi zuten, edo bestela, desbideratzeren bat antzemanez gero -egoiliarren desadostasunen bat, elkarbizitza arazoren bat-, ahalik lasterren zuzendu. Hori zen behintzat emango zuten azalpena, norbaitek ea zer egiten zuten bertan, eta ordu haietan, galdetuko balie. Zeren, salbuespen bezala eta goizeko bisitak izan zuen arrakasta eskasa ikusita, arrastian joan ziren oraingoan, jende gehiago aurkitzeko asmoarekin. Afalordua zen eta, egoiliar guztiak areto nagusian zeuden arren, haietako bat ere ez zegoen jantokiko mahaietan eserita. Hiru taldetan sakabanatuta zeuden. Mahai borobil baten inguruan, Dylan, Jairo –eguzki-betaurreko batzuen atzean ezkutatuta eta tucker txapel bat buruan-, Borja eta Eloi poker partida baten itxura guztia zeukan zerbait jokatzen ari ziren: kartak eskuetan, fitxak eta billeteak mahai erdian, whiskiak edalontzi zabaletan. Paul, Manu, Abel, Bruno eta Wallace, besaulkietan zirkuluan eserita, online bideo-joko batera jolasten ari ziren. Guztiek partida bera jokatzen ari ziren, baina bakoitzak bere kontsola eramangarrian. Gauza bera egin zezaketen bakoitza kontinente ezberdin batean balego, hortaz, zirkuluan elkarrekin eserita egoteak erritu moduko bat izan behar zuen, Alainelenek ulertzen ez zutena. Agian hori zen haientzat elkarrekin afaltzeko geratzea. Alainek eta Elenek ez zuten jokoa identifikatu, baina, gamerek euren kontsolekin egiten zituzten imintzioak ikusita, abiadura eta indar handiak eskatzen zituen bat izan behar zuen. Gainerako egoiliarrak, Fidel, Joel, Iago eta Teo –abokatu erretiratu bat-, aretoaren atzealdean zeuden sofa batean eserita, pantaila erraldoi gisa erabiltzen zuten hormari begira, “Melrose Place” zirudien telesail bat ikusten. Erik eta Alex talde batetik bestera mugitzen ari ziren, paperezko musuzapiak eta pizza zatiak banatzen, hillstarrek euren jarduerei utzi gabe irensten zituztenak. Inor ez zen harritu heldu berriak ikustean, ez poztu, ez larritu, ezta haserretu ere. – Pizza gaua da gaur –Teok eman zien informazioa, Heather Locklearen nondik norakoei begia kendu gabe-. Nahi al duzue? Sukaldariaren lana gau hartan, zirudienez, Domino´s-era deitzea izan zen eta drone batek ekarri zizkion kutxetako edukia hiruki itxurako ataletan zatitzea. Alainek eta Elenek zati bat hartu eta Los Angeleseko komunitate hartako biztanle aberaskume eta gazteen ibilerak komentatzera eseri ziren. Egoiliarrek eskuekin jaten zuten pizza, sardexka ezta aiztorik gabe, eta latetatik zuzenean edaten zuten garagardoa. Gameretako batek –Paulek ziurrenik- goranzko bat bota zuen ere; hori bai, gainerakoek ez zioten grazia ospatu. Edo ez gehiegirik. Amerikar frat-movie batekoa zirudien giroa. “Toga, toga!” oihukatzea besterik ez zitzaien falta. Hori eta azpil batean sartuta eskaileretatik behera burua botatzea. Alainelenek beste zerbait espero zuten, egia esan. Zilarrezko ganderailuz apaindutako mahai bat ez zuten espero ere, asteazken batez afaltzeko, baina horren eta topatu zutenaren artean erdiko punturen bat egon behar zuen. Zer espero zuten? Ba lisatutako alkandoraren bat, praken barrutik sartutako alkandoraren bat… gutxieneko bat, hasiera puntu bat. Baina hillstarren arropak “senitarteko” afari baterako baino, beste gizarte egoera anitzetarako egokiagoak ziruditen, hala nola, hip-hop kontzertu bat emateko –sweat-pant izeneko praka grisak, oversize elastikoak-, mila metroko horma bertikalak eskalatzeko –maila termikoak eta katu oinak- edo baita sutan dagoen bidoi baten inguruan eskuak berotzeko –zulatutako flanela eta pana-. Borjak eta Dylanek ere! Tu quoque? Borjak, jantziegi joateko edo marka garestiegi bateko janzkiren bat eramateko paradarik galtzen ez zuenak, Karl Lagerfeldez mozorrotzen zena medikuarengana joateko, Borja horrek, gau hartan, tiroketa baten biktimarena izan behar zuen elastiko bat zeraman aldean. Eta jeans urratuak. Zarpail haiengatik dirutza lotsagarri bat ordaindu izana espero zuten behintzat Alainelenek. Dylanek bere aldetik, hamarkadetan nazioarteko dotoreziaren epaile izan zen Dylanek, txankletak zeramatzan gau hartan. Eta alkandora pseudo-hawaiar bat. – Zuen gomendioa jarraitu genuen eta ohar batzuk eman genituen sukaldean. –Teoren ustean, ekintzaileen harridura aurpegiak azalpenen bat eskatzen ari ziren.- Lehenengo egunean esan genizuenez, otorduei bizitasun pixka bat gaineratu nahi genien eta gurari bat edo beste sartu menuetan. Asteroko menua zurrunegia bazen, azkenean, errutinak zanpatuko gintuen. Horrela, asteazkenetan, aste erdian, pizza gaua daukagu. Igandetan paella egiten dugu. Tira, sukaldariak egiten du. Eta sangria. Norbaitek ijito-besoa ere proposatu zuen! Barre egin zuen Teok. Alainek eta Elenek irribarre batez erantzun zuten, baina argi zegoen grazia non zegoen ez zutela ulertu. – Paella eta ijito-besoa… Fresitak bezala! Irribarre izoztua ez zuten aldatzen. – Fresita, Gran Hermano 5 irabazi zuena, Saloun igandeetan beti paella eta ijito-besoa zeukatela esaten zuena. Eta negar egiten zuena. Ez? … – Berdin dio. Kasua da igandeak paella egunak direla, eta sangriarenak eta pastelarenak, dela ijito-besoa dela beste bat. – Eta hilabetero larunbat batean barbakoa egiten dugu afarirako –Iago sartu zen-. Hanburgesak, txerri saiheskiak eta hot-dogak. – Hortik aparte askatasun osoa ematen diogu sukaldariari. Primerako sukaldaria da –gaineratu zuen Teok-. – Zuen arteko elkarbizitza nola zihoan behatzera etorri gara gu –Alainek, zentzuren bat zeukan gai baterantz birbideratu nahi zuen solasa, inork ezer galdetu ez bazion ere-. Zuetako bakoitza bere gelan gordeta egongo ote zinen beldur ginen. Antzeko interesak dauzkaten pertsonez inguratuta bizitzeak eskaintzen dituen aukerak behar bezala aprobetxatzen dituzuen baieztatu nahi genuen. – The Hillsen elkarbizitza dinamizatzeko ideiak emateko asmoarekin etorri gara –gaineratu zuen Elenek-, baina badirudi ez zaizkizuela falta. Alde horretatik ondo moldatzen zaretela esango nuke. – Baietz esango nuke –erantzun zuen Teok, pantailara begiratzeari utzi gabe-. Nahiko ondo pasatzen dugu. Urdanga! –Iraina ez zen Elenerentzat, Amandarentzat baizik, Heather Locklearrek egiten zuen pertsonaiarentzat.- – Aktibitateren batean laguntzarik behar al duzue? –Alainek temati.- – Ez kezkatu –erantzun zion Teok, Amandari erdiko atzamarra ateratzen zion bitartean-. Hemen bakoitzak bere etxetik kanpoko aktibitateak dauzka. Bakoitzak bizitza bilatzen du horrelakoetan. Pentsa ezazu ez garela hiritik aldatu, hiri honetan bizi ginen The Hillsera etorri aurretik, eta, horrenbestez, hona etorri baino lehen egiten genituen aktibitate berberak egiten jarrai dezakegu. Batzuek boluntario lanak egiten dituzte, beste batzuek mendiak igotzen dituzte taldean… denetarik. Etxe barruan, momentuz, ez da gatazkarik egon aktibitate ezberdinen ordutegiak bateraezinak zirelako edo antzeko arazo batengatik. Ezta politikagatik ere. Eta alde horretatik hemen denetarik dago, kolore guztietakoak gaude. Etxe handi bat da hau eta horrek aktibitate eta ideologia ezberdinak bateratzea errazten du. Apartamentu batean liskarretan ibiliko ginen une oro. Fulbola dagoen egunetan, adibidez, friki fulbolzaleek partida taldean ikus dezakete eta euren haitzuloetako errituak egin, jende normalari enbarazurik eragin gabe eta beste ingurumen itxiagoetan pairatzen dituzten isekak nozitu gabe. – Poker partida hori ez dela legezkoa esango nuke –nabarmendu zuen Elainek, aretoko beste puntarantz kokotsarekin seinalatuz-. – Soilik dirua apustu egiten bada –erantzun zuen automatikoki Teok-. – Eta mahai erdian dagoen billete piloa? Faltsuak ote? – Ez, ez dira faltsuak. Partida bat legez kanpokoa izateko dirua apustu egin behar dela azpimarratu baino besterik ez dut egin. Hortaz, hau bai, legez kanpokoa da. XIV I think that the longer I look good, the better gay men feel. Uste dut zenbat eta denbora luzeagoz itxura ona daukadan, hainbat eta hobeto sentitzen direla gay gizonezkoak. CHER – Osaba, albiste berriak! – Hori errepikapen bat da. Telefonoz deitu zioten oraingoan ilobek, sakelako terminalera. Bien ahotsak entzun zitezkeen aldi berean. Eskurik gabeko moduan jarria zeukaten eta horrek Fidelen erreakzio eta erantzunerako aukerak murriztu nahi zituztela iradokitzen zuen. Txandrio bat usnatzen zuen Fidelek. Ez zion erabilera gehiegirik ateratzen sakelakoari Fidelek. Telefonoz hitz egitea ez zitzaion inoiz gehiegi gustatu, sakelakoak eta tarifa lauak asmatu aurretik ezta ere. Sare sozialetan ibiltzera ezta ere ez zen zaletu. Ez feisbuk, ez tuiter, ez guatsap, guztiei aurkitzen zien akats bera: egoa hanpatuegia zeukatenentzat erakusleiho bat besterik ez ziren. Esateko ezer gutxi eduki, baina euren aburuak eta hausnarketak sakonak eta esanguratsuak zirela uste zuen jendearentzat pentsatuta zeuden amaraun sozial haiek. Bideo-jokoetara jolasteko ez zuen mugikorra erabiltzen ezta. Ez mugikorra ezta beste inolako gailurik ere; zeren, adikzioaren mekanismoaren adierazpen anitzetarako joera eduki arren –alkohola, kafea, estupefaziente natural eta sintetikoak, janari pikantea, pop musika-, jokorako adikzioan ez zen sekula erori, ez zorizko jokoetara ezta bideo-jokoetara ere. Albisteak irakurtzeko bai erabiltzen zuela sakelakoa, eta aldizkako argitalpen digital batzuk irakurtzeko, baina oraindik -eta batez ere- paperezko egunkari eta aldizkarien zale eskasetakoa izaten jarraitzen zuen. Hortaz, sakelako terminalari Fidelek ematen zion erabilpen nagusia osasuna ikuskatzea zen: tentsioa, sukarra, bihotzaren abiadura eta erritmoa neurtzen zizkion terminalak, etengabe, eta gorabehera adierazgarriren bat antzematen bazuen, aseguruarekin komunikatzen zen, medikuaren eta Fidelen agendak erkatzen zituen eta hitzordu bat antolatzen zuen. Sexu bikoteak bilatzeko ere erabiltzen zuen Fidelek sakelako terminala. Noizbehinka. Bueno, noizbehinka baino maizago. Dohainezko bikoteak bilatzeko, Fidel ez baitzen sexuagatik ordaintzea gustatzen zitzaienetakoa. Ez zekenkeriagatik, bere gozamenaren zati handi bat gozamena eragitetik zetorrelako baizik, eta ordainezko partenaire batek adieraz zezakeen gozamena –halakoren bat adierazten bazuen- ez zitzaion sinesgarria iruditzen. Gainera, azken aldian, ordainezko bikoteren bat bilatzeko erabakia hartuz gero, Draganek, Jairoren lagunak, egindako eskaintza erabiliko zuen eta ez zuen mugikorra erabili beharko. Mezuak, idatzizko berehalako mezuak, bai gustatzen zitzaizkiola, batez ere mezuak hizkiz-hizki tekleatzeari utzi zitzaionetik eta telefonoari diktatzen zitzaizkionetik. Abantaila pila aurkitzen zizkion komunikatzeko bide honi: mezua bidaltzean ez zenuen hartzailea galarazten, honek abagunea aurkitzen zuenean mezua irakurri eta, behar eta nahi izanez gero, erantzuten zuen. Baina noizbehinka beste aldean ahotsen bat entzutea ere gustatzen zitzaion Fideli. Bai, XXI. mendearen garai haietan oraindik ere, terminal mugikorra hitz egiteko erabiltzen zuten gutxienetako bat zen Fidel. Baina, esan bezala, sarritan nahiago zuen mezu bat bidali baliote telefonoz deitu baino. Zehazki, oraingoan bezala, ilobek deitzen ziotenean. – Ez egin broma errazik eta entzun: Elene eta Alain horiek ez dira arropa zuzenak –Taniak-. – Aurreko lanpostuetatik bota zituztela jakin dugu –Maiak-, enpresaren diruarekin gelditzegatik. – Nork esan dizue hori? Jakiterik badago. Yoga eskoletako beste etxekoandreren batek? Arrandegian? Ile-apaindegian? – Ez izan matxista osaba, ez da zure estiloa. – Senarrak esan dit, Christianek –Maiak-, bere enpresan lan egiten zuten-eta. – Akabo! Zure senarrak esandako guztiei jaramon egin banie dagoeneko kale gorrian nengoke. Oroitzen zara hark egindako gomendioez? Denetarik daki, autoez, aseguruez, finantzez… Eta horrelakoak non ikasi dituen galdetzen diozunean, “bizitzako unibertsitatean” ikasia dela erantzuten dizu, langile heziketako modulu bat besterik ez baitauka. – Matxista eta orain klasista. Zer dela eta hainbeste hobekuntza? Egoitzako lagun berrien eragina ala? –Taniak.- – Hori bai, gauza bat aitortu behar diot, bakoitzari bere merituak aitortu behar zaizkiolako: jokoz kanpo bat zer den ondo dakiela badirudi, mila bider saiatu baita niri azaltzen. Erdi Aroko Inkisizioak tortura askoz arin eta jasangarriagoak erabiltzen zituen. – Horrela jartzen zarenean ez dago zurekin hitz egiterik. Zu bai jartzen zarela jasangaitz –Taniak-. – Sinets iezaguzu –Maiak-. Senarraren enpresan lan egiten zuten eta haien kaleratzea asko komentatu zen. Antza denez, enpresaren izena baliatzen zuten enpresaren bezeroekin harremanetan jartzeko, eta ondoren enpresaren bizkarretara egiten zituzten tratuak eta kobratzen. Laster harrapatu zituztela dirudi, baina inork ez daki oso ziur zenbaterainoko iruzurra egin zioten enpresari. Berehala bota zituzten kalera, baina ez zieten epaiketarik jarri bezeroen aurrean enpresaren izena eta sona ez kaltetzeko. – Barka iezadazue baina sinestea kostatzen zait, esamesaren iturria nor den jakinda. Epaiketarik egon ez dela jakiteak hiri-elezahar baten aurrean gaudela susmatzera bultzatzen nau. Zuen senarren hain gustuko diren hiri-elezahar horietako bat. Zureak, Maia, Ricky Martin, txakurtxo bat eta marmelada pote bat lotzen dituen istorio hori, telebistatik zuzenean ikusi zuela zin egin zidan behin. Eta zureak, Tania, Alejandro Sanz larrialditan ospitaleratu zutenean, anbulantzia berak gidatzen zuela apustu egin zidan. Egia da holako adierazpenak Pasionariak bezain sutsuki defendatzen dituztenean mela-mela eginda egoten direla, eta esango nuke ez dutela inork seriotan hartzea espero. Taberna barrako usadioak dira eta ez zaie garrantzi gehiegirik eman behar. Bide batez, orain jabetu naiz, hara ze kasualitatea, zuen senarren gustuko elezaharrak beti direla gay famaturen baten ingurukoak. Homofobia usain apur bat ez al dario horri? – Ez dira homofoboak! Badakizu zenbat estimatzen zaituzten biek eta nolako errespetua dizuten –Taniak-. – Eta lagun gay asko dauzkate gainera! –Maiak.- Tira, barkatu, nahigabe irten zait. Hobe dut isiltzea. – Bai, hobe –Taniak, berriz-. – Dena dela, hori guztia egia balitz ere, zer nolako eragina izango luke nigan? The Hills egoitza hemen dago, ez da gezur bat, bertan bizi bainaiz ni. Aterpea eta ohea ez dira balizkoak, egunero zerbitzatzen digute janaria eta egunero garbitzen dituzte gelak eta gainerako instalazioak. Ez dago hortaz inolako iruzurrik. Hemengo langileei ez diet inolako kexarik entzun ordaintzen ez dietelako-edo. Beraz, zer? Hutsetik hasten, berriro hasten ari den bikote bat izan daiteke. Hanka sartu zuten eta orain beste bizimodu berri bat hasten ari dira. Hain susmagarri deritzozue? – Inozoa zer zara gero! –Taniak.- Dirua bide motzetatik irabaztera ohituta dagoen jendea dira hauek. Eta egoitza hori ere, dirua irabazteko, dirutza handia eta bide motzetik irabazteko antolatu bide dute. Ziur. Zerbait ezkutatzen dute. – Adi egon eta zuhur ibili, mesedez! –Maiak.- Zerbait arraro edo susmo txarrekoa usnatuz gero, jakinarazi iezaguzu. Ados? – Baleee… Noski. Ados. Ez kezkatu –Fidelen tonua ironikoa zen-. Musu handi bat zuei eta milesker zure senarrari, Maia, nire ongizatea horrenbeste gogoan izateagatik. – Osaba! – Bide batez, zer moduz ama? –Fidelek mintzagaia aldatzeko gogoa zeukan, iloben ardurak txorakeria hutsa iruditzen baitzitzaizkion.- Ezer berririk heldu zaizue harengandik? Sare sozialetan arrain mutanteen argazkiak igo dituela ikusi dut. Haietako batek, begi bakardun batek, hotzikara eta barregura eragin dizkit. Ezkatadun Tartalo bat bezalakoa zen! Baina amak harrotasunez zintzilikatzen ditu argazkiok sarean, iruzkin serioekin lagunduta, eduki politikodun salaketaren bat edo antzeko zerbait egiten ari balitz bezala. Ekologismoaren abangoardiatzat dauka bere burua, nonbait. Geroz eta zoroago zer dago! – Badakizu: ama. Bere zaletasun nagusia atentzioa ematea izan da beti, eta Fukushiman baino abagune hobeagorik ez du inon aurkituko. Utziozu, ez dio inori kalterik egiten. Bere iloben presio paternalista eta hiperbabesletik askatzea lortu zuenean, The Hillseko sparen instalazioak probatzea erabaki zuen Fidelek, gogo handirik gabe eta bertan zer egin zezakeen oso argi izan gabe. Izan ere, spaek ez zuten gehiegi erakartzen, edo hobe esanda, larritasun edo nazkaren antzeko zerbait eragiten zioten. Hainbeste jendeak erabilitako urak ezin zuela ezer onik ekarri pentsatu zuen beti. Lurbiran Bizitza antzeko ingurugiro heze eta bero batean hasi zela gogoratzen zuen eta, jacuzzi batean sartzen bazen, berari ere gorputz gainean Bizitza sortuko zitzaiola pentsatzen zuen, biologia eskolen garaitik ahaztuta zeuzkan erreinuetako mikroorganismoak eta baita oraindik aurkitzeke zegoen erreinuren batekoak ere. The Hillseko sparen kasuan Fidelek bere estreinako bisita hainbeste atzeratu zuen, alde batetik spa horrek beste guztien eragozpen berberak izan behar zituelako, baina bestetik, gainera, bestelako spa batzuek eskaintzen zituzten abantailak ez zituelako eskaintzen, alegia, gorputz gazte, sendo, gihartsu eta erdi biluziak behatzeko aukera. The Hillseko span ez zegoen denbora-pasa hori praktikatzeko aukerarik, bertako erabiltzaileak egoitzako biztanleak baitziren, eta jakina, haien azal zimurtuak zintzilik ikusteko gogo handirik ez zitzaion pizten Fideli. Nahikoa zeukan bere gainbehera behatzen ispiluan begiratzen zuen bakoitzean. Arrazoi horiengatik aste luzeak egin zituen etxeko sotoan instalatutako spa eta gymera jaitsi gabe. Baina erretiratu baten bizitzan aisialdi ordu luzeak daude eta hauek betetzeko eskaintza gutxi; eta hori zela eta, astegun goiz hartan, eguraldi euritsua ari zuenez eta telebista aurrean goizetik eseri nahi ez zuenez, sotoko spara jaistea erabaki zuen. Hara heldu zenean ez zegoen bakarrik, baina lekua bilatzeko ahalegin handirik ez zuen egin behar izan ezta ere. Abel eta Bruno, ezkondutako bikotea, gymean zeuden, bakarrik, Fidel jaitsi zenerako. Beti ziren goizen oheratzen zirenak eta goizen jaikitzen zirenak ere. Ur epela limoi zukuarekin gosaltzen zuten egunero gymera joan aurretik. -Hura nazka Fideli eman ziona hau kontatu ziotenean! Ez al zen edabe hori berazkoa zuten haurrei indarrez ematen zitzaiena?- Eta euren eguneroko ariketak egin ondoren, ur hotzarekin dutxatu eta benetako gosaria hartzen zuten: zortzi zekalezko ogia, soja esnea eta pomelo zukua. -Zortzi zekaleren izena asmatzeko ere! Ba al zegoen zortzi zekale mota ezberdin?- Egunero. Bikote hark bekatu aitorrezinen bat egin bide zuen noizbait, eta euren buruei zigorra ezartzen ari ziren. Ez zegoen bestelako azalpenik hainbesterako doako pairamenentzat. Semeek ere -gaizki pentsatu nahi gabe- ziur etxetik alde egin zietela, bizitza arrunt bat baketan eduki ahal izateko, inora ez daramaten sufrikariorik gabe. Han zeuden ba, esan bezala, biak bakarrik gymean, izerdi patsetan eta gorri-gorri eginda. Bihotzekoak noiz emango zien zain. Gymak eskatzen zituen esfortzuak eta izerdiak beste egun baterako ustea erabaki zuen Fidelek eta spara jo zuen zuzenean. Saunan sartu zen eta bertan Jairo aurkitu zuen, baina ez bakarrik, Dragan bere lagunarekin baizik -The Hillseko bizilagunek gonbidatu bat eraman zezaketen spa eta gymera, baina Fidelek zekienagatik inor ez zen handik agertzen erretiratu bati izerdi egiten laguntzeko-. Jairorena, bikote ezkonduaren guztiz kontrako kasua zen: sarritan, guztiak oheratzen zirenean -eta The Hillsen inor ez zen goizegi oheratzen, Abel eta Brunoz aparte-, Jairo ez zen oraindik egoitzara itzuli. Garagardoa zen bere gustuko gosaria, gosaltzera jaikitzen zenean. Eta beste askotan, bazkalordurako ere ez zen jaikitzen. Nerabe arduragabe baten ordutegi eta ohiturak zeuzkan. Edari energetikoak, pizza eta hanburgesak gustatzen zitzaizkion, eta telebista ikusten zegoen bitartean, naturan agertzen ez diren koloredun snackak jaten zituen. Inork ez zuen ulertzen nola ez zion oraindik bihotzekoak edo iktus batek eman, ezta berak ere, azken berrogei urtetan ez baitzuen analisi edo txekeorik egin. Erre ere egiten zuen Jairok. Ez soilik tabakoa. Horrek osasuntsu mantentzen laguntzen ziola argudiatzen zuen: tabakoa oso droga kaltegarria zela eta osasuna hondatzen zuela esaten zuen eta, hortaz, tabakoa marihuanagatik aldatzeak osasunerako onuragarria zela defendatzen zuen. “Baina tabakoa ez baduzu utzi!” esango zion baten batek, eta Jairok zera erantzun: “Ez, baina lehen baino gutxiago erretzen dut, eta hori ona da”. Jairoren bihotzaren taupaden erritmoek -erritmo bi edo hiru baino gehiago baitzeuzkan haren bihotzak, egunaren orduaren arabera- drum´n´bass saio bat ziruditen, eta erritmo bitxi haien oinarrian Viagrak eta speedak zerikusi handia zeukaten. Laburbilduz, goiz hartan span aurkitu zuenean, Fidelek ez zekien oso ziur Jairo goiz jaiki bazen, auskalo zergatik –sute bat, zonbi apokalipsi bat-, edo oraindik ez bazen oheratu. – Egun on –esatera ausartu zen, egun argia baitzen ordurako-. – Baita hiri ere –Jairok-. Dragan gogoratzen duk? Bisita egiten etorri zaidak. – Noski. Kaixo, Dragan. Draganek ere agur motaren bat izan behar zuena bota zuen, baina haren tonu eta begiradarengatik –plantigrado baten antzekoak biak- Fideli zalantza gelditzen zitzaion agur egin bazion edo mehatxuren bat bota bazion. Biluzik, Jairok esperimentu genetiko baten bigarren mailako hondakinen bat ematen zuen, gerrian zapi bat zeramana. Dragan bestalde beldurra eragiteko asmoarekin diseinatutako zerbait zirudien, pitbull bat edo krokodiloz beteriko aintzira bat bezala. Gerritik gora ikusten zitzaizkion ile bakarrak betileak eta bekainak ziren. Gainerako azal guztia arrasean moztua zeraman, baina hala ere ez zitzaion larruazal gehiegirik ikusten gorputz ia osoa tatuajez estalita zeukalako. Draganen azalean sauna barruko minutu luze aspergarriak entretenitzeko nahi adina testu zegoen, baina Fidelek ezagutzen ez zituen hizkuntza eta alfabetotan idatzita. Testuez gainera irudi ugari zegoen Draganen azalean barreiatuta, honi Erdi Aroko kodex baten antza ematen zizkiotenak: animaliak -benetakoak eta mitologikoak-, sinboloak, irudi erlijiosoak… Beltzez idatzita eta marraztuta zeuden gehienak, baina han-hemenka kolore gorria ere ikusten zen, batez ere odola edo gorputzeko organoren bat -bihotz bat, birika pare bat- irudikatzen zirenean. Eta azal historiatu horren azpian, lehertzear zeuden gihar elefantiasiko batzuk antzematen ziren, larruak ozta-ozta eusten zituenak. Fidel Draganen eskumako deltoidean idatzita zegoen testua deszifratzen ahalegintzen ari zen, liluratuta edo beroagatik erdi zorabiatuta, Jairo hitz egiten ari zitzaiola ohartu zenean. – Fidel, Dragani kontatzen ari natzaiok lasai egon dadila, bere kezka eta zalantza guztiek ez baitute funtsik. Hemengo jendea senitartekoak balira bezala arduratzen dituk gutaz. Ez al duk hik ere uste? – Bai, bai… -Fidel erdi lelotuta zera nabaritzerakoan, Draganek besoa luzatu edo tolesten bazuen, haren bizepseko tatuajeak irudi ezberdinak erakusten zituela.- – Aste honetan bertan, adibidez, inola ere espero ez nian laguntza bat eskaini zidatek –Jairori Draganen gorputz biluziak eta haren giharrek ez zioten arreta desbideratzen, buruz ezagutzen baitzituen-. Senitartekorik ez daukadanez, Administrazioarekin edo halako tokitan egin beharreko gestio guztiak nire izenean egin ditzaketela esan zidatek Elenek eta Alainek. Badakik, ogasunarekin, gizarte segurantzarekin eta halakoetan. Eta horretarako ez diat etxetik mugitu behar izan ere. Notario bat ekarri zidatek egoitzara ahalorde batzuk sinatzeko. Hiri ere antzeko zerbait ez diate eskaini? – Ez, niri ez –Fidelek Jairori begiratu gabe erantzuten zuen, hipnotizatuta baitzegoen Draganen bizkarrari so-. – Jakina, hiri ez diate eskaini ilobak dituala badakitelako. Ba niri bestelako detailea iruditu zaidak, sekula ez baitiot arreta handirik jarri paperen gai horri, beti aspertu nauen zerbait izan baita, ile-apaindegia neukanean ere. Ikusten, Dragan? Hemen ez zagok zergatik susmo txarretan ibili behar. Egoitza honetan familia handi bat sortu nahi ditek, besterik ez, eta gu guztiok familia berri baten partaide senti gaitezela. – Ez diat argi ikusten –esan bide zuen Draganek, bere azentu harekin, Drakularen zalgurdia gidatzen zuenak izan behar zuen azentu berdinarekin-. Adi ibiliko nauk, bikote hori bezalako ustezko ongileak askotan ezagutu baititut iraganean. Bati baino gehiago esan behar izan zioat eskuak geldirik izateko. Jaramonik egin ez didan bat edo beste ere egon duk. Ustekabeko ezbehar batekin bukatzen dituk beti holakoen azpijokoak. Gorputza estaltzen zion izerdia bat-batean izoztu zitzaion Fideli, eta hotzikara batek zeharkatu zion bizkarrezurra. – Kar-kar-kar! –Barre egin zuen Jairok.- Nolakoa haizen Dragan, txantxetan hasten haizenean! XV I find it so funny that people find me so interesting. Hain barregarria iruditzen zait jendeak ni hain interesgarri aurkitzea. BRITNEY SPEARS The Hills egoitzako gela bakoitzeko atearen azpitik gutun-azal txiki bat agertu zen. Gutun-azaltxo barruan, ohar batek egoiliarrak “batzar” batera deitzen zituen. Alainek eta Elenek sinatzen zuten oharra. Antzinako erara dei egin zuten batzarrera, formalitaterik gabe, egoiliarrei tukurik ez eragiteko. Denbora luzea igaro behar izan zuen haietako baten batek batzar baterako deia idatzizko ohartxo batean jaso zuen azken alditik. Baziren urteak edozein bilera antolatzeko modua deitutako guztien sakelako telefonora online deialdi bat bidaltzea zela. Deialdiak haietako bakoitzaren agendak arakatzen zituen hutsune amankomun bat aurkitu arte eta, aurkitutakoan, denbora hori erreserbatzen zuen eta bileraren leku, eduki eta egitarauaz informatzen zuen. Alaineleneren ustean, hillstarrek, holako deialdi bat jaso balute bere mugikorretan, ikaratu egingo ziren, kuotak igoko zizkietela edo elkarbizitza arauak zorroztuko zituztela susmatuko zuten. Horrenbestez, ohartxo bat bidaltzea aproposagoa iruditu zitzaien, ospakizun baterako gonbidapen bat balitz bezala. Oharrak zioenagatik, batzarra egoitzako areto nagusian ospatuko zen, asteazken bateko eguerdian –deitzaileek ordurako bazekiten alferrikakoa zela bilera goizago deitzea, egoiliar gehienak ez baitziren eguerdia baino lehen jaikitzen-. Egun hartan eta zehaztutako orduan, deialdiari gizon bakarra balira bezala erantzunez, egoiliar guztiak prestu eta puntuan agertu ziren aretoan, eta erdiko mahai nagusiaren inguruan eseri ziren, inaugurazioaren egunetik berriz muntatu ez zena. Alainek eta Elenek hillstar guztiak banan-banan eta bakoitzaren izenagatik agurtu zituzten, irribarre agorrezin batekin. Egoiliarrek hoztasunez erantzun zieten, susmo txarrez, diru gehiago eskatuko zietela susmatzen baitzuten eta protestatzeko prest zetozen. Zerbitzariek, ohi bezala adeitsu, bakoitzari zer hartu nahi zuen galdetzen zioten eta, ordu hain zehaztugabea izanik, batzuek kafea aukeratu zuten, gosaltzen baleude bezala, eta beste batzuek ardoa, aperitiboarekin hasteko. Behin denak eserita eta zerbitzatuta, Alain hizketan hasi zen. – Egun on, edo arratsalde on, guztioi. Ezer baino lehen, zuek guztiak hemen egotea eskertu nahi dizuet, The Hillsek ateak zabaldu zituen egunetik zuokin guztiokin batera egoteko parada ez baitugu izan. Zaila da, hain ordutegi ezberdinak dauzkazue-eta. Tira, deialdi honen zioa jakingo nahi duzue, ezta? – Dirua eskatzeko zioarekin egin duzuela uste dugu –moztu zuen Jairok, gakora ahalik lasterren iristeko asmoarekin-, edo ordutegi eta arau zorrotzagoak ezartzeko. Alainek eta Elenek barre egin zuten, baina haien barrearen naturaltasun eskasak ez zuen tukua aldentzen lagundu. – Lasai –jarraitu zuen Alainek-, ez dauka gai horiekin inolako zerikusirik. Bestelako proposamen bat egin nahi dizuegu, The Hillseko eguneroko bizitza zuen gustuetara hobeto egokitze aldera. – Gu –Eleneren txanda zen- ez gara negozio baten sustatzaileak baino. Eraikina birgaitu dugu, langileak kontratatu ditugu eta egoitzako oinarrizko zerbitzuak antolatu ditugu, baina ezer gutxi gehiago egin dezakegu zerbitzu hauek zuen gustu edo beharrizanetara egokitzeko. Zuek zarete zentzu honetan ekimenak adostu behar dituzuenak. Gu ez gara gay. Ni gizona ezta ere ez naiz. Hortaz, ez dakigu gehiegirik zuen ohituren inguruan, haiek ikertzen ahalegindu bagara ere. – Elenek eta biok proposatu nahi dizueguna zera da, zuek instituzionalizatu dezazuela batzar bat, bertan The Hillsi pertsonalitate berezi eta bereizi bat emango dioten ekimenak proposatu eta erabakitzeko. – Ez dugu nahi The Hills adinekoen egoitza arrunt bat izatea –Elene berriz-. Zerbait berritzaile, berezi eta ezberdin sortu nahi genuen eta hori da oraindik gure xedea, baina zuek bakarrik zarete lor dezakezuenak. – Horretarako deitu zaituztegu gaur hona, The Hillseko lehen batzarra edo Batzar Sortzailea izan dadin honako hau –Alain-. Argi zegoen Alainek eta Elenek, bere ohiturari jarraituz, diskurtsoa nola zatikatu adostuta eta saiatuta zeukatela. – Gehiagorik ez gure aldetik –Alainek-. Alde egingo dugu guk orain eta bakarrik utziko zaituztegu, benetako The Hills bat eraikiko duten ideiak aletzen eta lantzen. – Barkatu baina nik ez dut gauza handirik ulertu –Fidelek-. Agian erdi lo nagoelako izan daiteke, edo azkarregia ez naizelako. Beharbada nire bizilagunek argiago edukiko dute, baina nik bat ere ez. Zer nolako ekimenak suposatzen da proposatu beharko genituzkeela? – Ez genuke nahi xehetasunetan sartu –Elainek-. The Hillseko egunerokotasuna zuen gustu, interes edo gurarietara egokituko dituzten ekimenez ari gara. Adibidez, bereizkeria pairatu duen gizarte talde bateko partaideak izanik, zuen eskubideen alde borrokatzera ohituak zaudete, jarrera politiko aktibo bat izatera. Zuen pertsonalitatearen ezaugarri baliotsu bat da hori, orain alde batera ez zenuketena utzi beharko, alderantziz, orain inoiz baino gehiago aldarrikatu eta landu behar duzue, belaunaldi berrien eredu izan dadin. Zuen eskarmentua eta zuen indarra ahaztu ez dadila zuen eskuetan dago. … – Beste adibide bat. Birziklatze proiektu bat antola dezakezue. The Hillsen erabiltzen diren paper, beira eta ontzien zati gero eta handiago bat birzikla dadin prozedurak asmatu eta abian jarri ditzakezue. … – Edo The Hillseko menuak prestatzeko erabiltzen diren produktuak lekukoak izan daitezen ekimen bat bultzatu. … – Zuek baino hobeto ez du inork jakingo zeintzuk diren benetan interesatzen zaizkizuen gaiak. Uzten zaituztegu. Pentsatu, hausnartu, eztabaidatu. Ez da beharrezkoa gaur dena erabaki dezazuela. Hau prozedura luze eta segitu baten lehen urratsa baino besterik ez da. – Zorte on eta ikusi arte. Erabakitzen duzuena, mesedez, jakinarazi iezaguzue. … Enpresariek bilera utzi zuten. Poema bat ziren egoiliarren aurpegiak. Bertso librean. Zer ote zen hura, txantxa bat? Birziklatzea? Lekuko produktuak! Haietako bakoitzak bere albokoarekin hitz egiten zuen, behar bezalako batzar baten itxura gutxirekin. – Ea ordena apur batekin hitz egiteko gai garen, ez dadila esan –Eloik, mediku ohiak, besteen gainetik altxatu zuen ahotsa, nahaste-borraste hura bideratze aldera-. Uste dut hemengo guztiok argi daukagula bikote honek ideiarik ere ez daukala norekin ari den, eta hobe zukeela haurtzaindegi New Age bat zabaldu balu. Baina, bestalde, kanpaiak entzun dituztela ere badirudi, baina ez dakite non. Zera esan nahi dut, gutxienez pertsona engaiatu eta solidarioak garela suposatzen dutela, gugan fedea daukatela. Izan gaitezen zintzo, horretan behintzat arrazoi daukate. Gure gizarte konpromisoak, gure solidaritateak, gutako bakoitzarenak, ez dauka zalantzarik. Ez da eztabaidagai ere. Gu geuk asmatu genuen eta! Gure bizitza osoan, gure borondatez edo halabeharrez, gure eskubideen alde borrokan murgilduta ibili gara. Soberan dakigu, halaxe bizi behar izan dugulako, gizarte mailako edozein aurrerakuntza ez dela opari bat, konkista bat baizik, kontzientziazio eta ikusgarritasun lan luze baten ondorioa. Kalean jipoituak ez izatearen oinarrizko eskubidetik hasita eta sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaraino, homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendetatik ezabatzea lortzea edo HIESaren aurka borrokatzeko ikerketa bultzatzea ahaztu gabe. – Eloi, astiro, galtzen zarela. Zer gosaldu duzu? –Paulek, erretiratutako lorezainak, diskurtsoa hartzen zihoan tonua epeldu nahi zuen, nahiz eta berak ere Eloiren hitzekin harro sentitzen zela ezin zuen disimulatu.- – Lasai, Paul, ondo nago. Azukre gorakada bat baino ez da hau –Eloik bazekien arrandia ez zela hillstarren ezaugarri bat-. Amaitzen dut. Zera nioen, agintzen eta legeak egiten dituen gehiengoari indarrez atzeman behar izan dizkiegula beti eskubideak. Baina, aldi berean, kausa baten aldarrikapena, edozein kausarena, ezin daiteke izan inposatutako zerbait. Pertsona batek, norbanako batek, kausa bat aldarrikatu eta haren alde borroka dezake, horretan bere denbora, dirua eta osasuna ere utziz, soilik hura gizartearen aurrerapenerako ezinbestekoa dela sinesten badu. – Kausa bat aldarrikatu edo defendatzeagatik hobeagoa zarela sinestea erdipurdiko pertsonei gertatzen zaie –Iagok, irakasleak, epaile baten moduan ohi bezala-. – Soberan dakigu guk hori –Manu komikigileak, bilera jendetsuetan ahoa zabaltzen ez zuenak-. – Horretan guztiok ados gaudela esango nuke. –Abelek, ezkonduetako batek, hitza hartu zuen.- Mila bider ikusi dugu nola jendeak kausa baten bandera hartzen duen bere imajina hobetzeko; nola jendeak kausa bat aldarrikatzen duen, bizitza horretan balihoa bezala, publizitate estrategia baten barruan soilik. Jende horrek ez du gizarteak konpondu edo artatu beharreko arazo bat daukanik salatu nahi, beste pertsonak baino hobeagoak direla aditzera eman baizik. Zenbat aldiz ikusi dizkiegu horrelako amarruak artistei, aktoreei, abeslariei; arrakasta handidunei gainera gehienetan. Euren lanagatik publikoarengandik, jendearengandik, jasotzen duten maitasuna eta miresmena ere ez zaizkie nahikoa iruditzen, antza. Ez dut uste izenik ematea beharrezkoa denik, guztiok baitaukagu buruan hainbat lagun, neurriz kanpoko bihoztun pertsonak zirela munduari frogatu behar omen ziotenak, gizateriaren arazoek atsekabetuta zeuzkatenak eta euren dirutza lizunen zati (ez oso esanguratsu) bat kausa bati edo besteri emateko eskuzabaltasuna erakusteko beharra zeukatenak. Haien talentu erraldoia, haien bertute anitz eta ia jainkotiarretako bat besterik ez zela jakin behar zuen Munduak, jendeak. – Badakigula? –Deiadar egin zuen Borjak, PPRRak.- Jende hori ezagutzen dugula? Ez ditugu ezagutuko ba, kanpaina horiek nik diseinatzen nizkien-eta! Urteak egon dira zeinetan nire diru sarrera guztiak horrelako enkarguak izan direla. Kaskarin burugabe hutsak filantropoak balira bezala aurkeztu behar nituen hedabideetan. Borjak buruko nahasmenduren bat zeukan, une oro edozein elkarrizketako protagonista izatera bultzatzen zuena –nik asmatu nuen, nik aurkitu nuen-, baina oraingoan posiblea zen bat ere esajeratzen ez egotea. – Egia da, oso ondo ezagutzen dugu amarru mesianiko hori –Paulek berriz-, eta, hemen gauden gutaz dakidanagatik, ez dut uste gutako inor horretan eroriko zenik. – Nik ezta ere ez dut uste. –Brunok, ezkondutako bikotearen beste erdiak, Abelen diskurtsoarekin jarraitu zuen, biek kasu berberak buruan zeuzkatelako.- Euren amarruen biktima izan zirenak famatutxo pseudoengaiatu horiek izan ziren, aldarrikatzeko kausa bat aukeratzerakoan. Haien zoritxarrerako, errealitatea da egun ez dagoela aho-bateko babesa duen kausarik. Egun, kausa baten alde zaudela adieraztean, kolektibo bat babestean, aldi berean, beste kolektibo baten aurka zaudela adierazten ari zara. Eta oldarkorra edo bortitza ez gertatze aldera adierazpenok ñabartuz gero, litekeena da bi kolektiboak, bi aldeak, irainduak sentitzea. Eta jakina, mundu osoan zehar ospetsu diren artistek ezin dute bere publikoaren zati bat, euren ikus-entzunezko produktuengatik ordaintzen duen jendearen zati bat, euren aurka jarri. Eta, tristeena dena, ezin dute onartu maitatzen ez dituen jendea egon daitekeenik. Ezin dute horrelakorik jasan. Bere imajina filantropiaz jantzi nahi duen famatu batek ezin du Etxe Zurirako hautagai errepublikanoa babestu, honek balore tradizionalak defendatzen dituelako-edo, hautagai demokrataren jarraitzaileen partetik neofaxista etiketa jaso gabe. Horren xinple eta tristea da gauza. David Bisbal batek, Alejandro Sanz batek edo Penelope Cruz batek ezin dute, esaterako, palestinar herriaren egoera salatu, Israelen aldeko milaka jarraitzaileen partetik islamista erradikalak, hiltzaile eta terrorista deituak izan gabe. Eta ez gara kausa politikoez ari soilik. Famatu horiek ezin dituzte korporazio handien interesen aurka doazen kausak babestu ere, korporazio hauen eta haiek izarrak bihurtu dituzten espektakulu industriaren korporazioen artean lotura gehiegi egon daitekeelako. – Laburbilduz, Poloak besterik ez direla geratzen –Abelek jarraitu zuen-, urtzen ari direnak. Poloen egoera arriskutsua salatzea ezin daiteke izan inor atsekabetuko duen kausa bat. Inor ez da iraindua sentituko horregatik. Inork ez du bere lurraldetasuna mehatxatuta sentituko, Poloetan ez baita inor bizi. Poloak urtzearen erantzukizuna hain da zehaztugabea, iluna, inor ezin daitekeela arduradun sentitu. Eta jakina, bai famatuek eta baita bere prentsa talde txit boteretsuek arreta handia izango dute beti norbait arduraduntzat ez seinalatzeaz. Poloak urtzen ari direla salatuko dute, ez erregai fosilak kontsumitzearekin guztiok daukagun obsesioa. Maila inkontzientean ere kausa hori asmatu daitekeen hoberena da, zuritasunaren, araztasunaren galtzea da salatzen ari direna. Diskurtso mesianikoa eta moralista. Epic win. – Berriz diot –esan zuen berriz Paulek-, soberan ezagutzen dugu amarrua. Gu ez gaituzte holako inauteri batean harrapatuko. – Arrazoi osoa daukazue –Eloi, berak eragindako eztabaidan sartu zen berriro-, eta uste dut hemengo inork ez duela nahi The Hillsen Alejandro Sanzen edo Leonardo Dicaprioren bizitzen parodia bat antolatu. Baina itzul gaitezen abiapuntura. Horretan ados bagaude, guk munduan dauden benetako bidegabekeriak ondo ezagutzen ditugulako da. Badakigu nork merezi duen gure babesa, gure denbora, dirua eta esfortzua. Ez gaitezen orain gogor edo ziniko plantak egiten hasi, edo ez behar baino gehiago behintzat. Ez al diot egia? Gure artean hitz egin dugunagatik badakit gutako askok, edo guztiok, mugimendu politiko, sozial edo sindikaletan sartuta egon garela. Zuetako baten batek esan dit eskola partikularrak doan ematen zituela, haurtzaro erdia ospitaletan sartuta ematen zutelako, ikastetxera gehiegi falta ziren umeei. Beste batek, langileen ordezkari bezala, bere enpresa auzitegietan salatu zuen amiantorekin lan egitera behartuta zeuden langileen heriotzagatik. Badakit ere zuetako beste batek erakunde publiko eta finantzarioekin borrokatu zela epaitegietan, errekurtsorik gabeko jendearen etxebizitza arazoak konpontze aldera. Abel eta Bruno, elkarrekin ezkontzea eta bi seme edukitzea, ez al zen erreibindikazio politiko bat izan bere garaian? – Nik Dalai Lamarentzat dirua eman dut. –Borja Eloiren zerrendatik baztertua sentitzen zen edo denen artean zinikoena izan nahi zuen. Harekin ezin zitekeen guztiz ziur egon inoiz.- – Eta ez iezadazue esan ingurumena ez zaizuela axola –jarraitu zuen Eloik, entzungor-, guztiok baitakigu hori gezurra dela. Gertatzen dena da hain barneratuta dauzkagula arazo horiek guztiak, irrigarri ikusten dugula norbaitek haiek gogorarazten etortzea. Gure gela txukundu edo komuneko tapa jaitsi behar dugula esango baligute bezain irrigarri. – Beste zerbait ere gertatzen zaigu, gure engaiamendu eta solidaritate bizitzan zehar jendeak huts egin digula –moztu zuen Iago irakasleak- eta horrek ziniko eta sinesgabe bihurtzen zaitu. Ez dut guztion izenean hitz egiten, baina ez dut uste nire kasua bakarrik denik. – Iago –Fidelek erantzun zion-, zu ez zara sinesgabea. Behin baino gehiagotan huts egin bide dizute, baina irakasle boluntarioa zara erretiratua egon arren, hortaz, ez egin mutil gogorraren plantak. – Agian esatera noanak azukre gehiegi daramala usteko duzue eta pixka bat nazkatuko zaituzte –Eloik, pertsona nagusien arteko mahai-inguru bat gidatzen-, baina pentsatzen ari garenarekin bat etor daitekeela uste dut: jendeak maiz huts egin digu, guztioi edo gehienoi, baina pertsonengan sinesten darraigu. Jendea gorroto dugu, baina pertsonak atsegin ditugu. Iagok berrespen imintzio bat egin zuen, ideia onar zezakeela aditzera emanez. – Bikote zoro horren erokeriek pena eta nazkaren arteko zerbait eragiten badigute, uste dut badakidala zergatik den. Engaiatuak izanik edo ez, gutako inori ez litzaioke burutik pasako bere ideiak edo idealak beste norbaiti inposatzea. –Fidelek hitz egin zuen azkenean.- Gutako inork ez du pentsatzen gu guztiok, gay eta andropausikoak izateagatik, edozertan ados egon behar dugula eta ideia berdinak izan. Sekula ez litzaidake burutik pasako, errespetu guztiarekin, Abelek edo Brunok eta nik alderdi berari emango geniokeela boza. – Guri ezta, lasai –erantzun zion Abelek, barreka-. – Halaxe da –Eloi berriz gidari lanean-, pisukide talde honetatik mugimendu bakezale bat, sindikatu anarko-libertario bat, sekta sataniko edo logia masoniko bat atera daitekeenaren ideia txorakeria bat da. Halako zerbait bururatu bazaio norbaiti, gutaz dakien guztia telebistako goizeko magazin batetik ikasi duelako da. Baina bestalde Alain eta Eleneren proposamena ez da ideia txar bat. The Hills gure etxea da eta, hala den heinean, gure ohitura eta bizimoduetara egokitu beharra daukagu. Inola ere ez alderantziz: hainbeste urtetan moldatu dugun gure bizimodua, ateak ireki berri dituen etxe bateko arauetara egokitu. – Nik ez dut bizimodurik aldatu hona etorri nintzenetik –Fidelek-. Zintzoak izanik, onartu beharra daukagu askatasun osoz mugitzen garela eta inork ez digula araurik inposatzen. – Egia. Nik ezta –erantzun zion Eloik-, baina ez duzue uste badagoela landu genezakeen gairen bat edo beste? Hasteko, The Hills izena bera. Alain eta Elene bikote honek gure gustukoa izango zela suposatu zuten, ilusio egingo zigula ere. Ustezko “gay kultura” bati egindako keinu bezala hautatu zuten izena. Nondik aterako ote zuten “gay kultura” hori? Apustu egingo nuke gutako batek ere ez zuela asmatuko izenaren jatorria azaldu ez baligute, ezta mozkor-mozkor eginda ere. Ez da hala? Aho-batez baieztatu zioten. – Ez dugu planeta salbatu behar, ezta lekuko nekazarien ekonomia sustatu behar, orain arte arreta berezirik ez badiegu jarri. Baina gure bizileku hau gure benetako etxea dela erakutsi behar dugu. – Zertaz ari zara? Nola egin dezakegu horrelakorik? –Paulek.- – Bada, horixe da hausnartu eta eztabaidatu behar duguna. Hasiera puntu bezala bururatzen zait, eta agian inuzentekeria bat da, erakunde erlijiosoek ustiatutako egoitzetan haien jainko eta sainduen irudiak eskegitzen dituztela leku ikusgarri eta esanguratsuetan. Badakizue zertaz ari naizen, Kristo bat, Ama Birjina bat, Buda bat, Madreteresa bat, horrelako gauzak. Guk ere antzeko zerbait egin genezake. Zeintzuk dira gure santuak, gure jainkoak? – Britney. – Kylie. – Madonna. – Cher. Guztiek aldi berean egin zuten salto, adrenalina edo kortisol ziztada batek bultzatuta bezala. Erdi lo zeudela ziruditenek ere. Gorputzeko biloak tentetu zitzaizkien. Begi niniak zabaldu. Norbaitek neurriak hartu balitu, ilea eta atzazalak ere hazi zitzaizkiela berretsiko zukeen. Borrokarako prest zeuden. Ehizakiaren gainera jauzi egiteko eta lepoan haginka egiteko prest. – Madonna handiena izan da. –Paul, zutik, esku biak mahai gainean, pulpitu batean balego bezala, eta predikari bat bezala deiadarka.- Egia zalantzagabea da, eztabaidaezina. Pop hitza entzutean haren izena da burura datorkizuna, eta Poparen Erregina aipatzean inork ez du beste norbaitengan pentsatzen. Garai bakoitzeko gustuetara egokitzeko nola bilakatu jakin du, hamarkadak dirauen karrera batean zehar. Haren alboan bigarren mailakoak dira beste guztiak. – Karrerarik luzeena eta oparoena Cherena izan da. –Borja, bere eserlekuan etzanda, lasaitasun itxurarekin baina begiak zuri, krisi baten ertzean balego bezala.- Cherek ezarri zuen kanona, urre patroia. Gainontzekoek, hark asmatutakoa kopiatzen saiatu baino besterik ez dute egin. Cher hau bezalako eztabaida ganorabakoen gainetik dago. Cherez ari garenean, maila ezberdin batez ari gara. – Adineko andre bi horiek nolabaiteko arrakasta izan zuten maritxuen artean, bestelakorik ez zegoen garai batean agertu zirelako, konpetentziarik ezta erreferentziarik gabeko garai batean. –Manu, beragan ezezaguna zen tonu zakar batean.- Julie Andrews edo Judy Garland aipatzen dizkizuetelako barre egiten duzue eta, aldi berean, Madonna edo Cher miresten dituzuela esatera ausartzen zarete? Zer ezberdintasun dago Julie Andrews eta Madonnaren artean? Julie Andrewsek abesten bazekien, bederen! Gizon gayen etika eta estetika popean benetan sartu zituena Kylie izan zen. Ez zait burutik pasatzen gay batek Kylieren izena entzun eta amen ez erantzutea. Eta uste dut ez nukeela gogorarazi beharko, bai Cherek eta bai Madonnak Kylieren aurkikuntza eta ekarpenak kopiatu zituztela, berandu, txarto eta emaitza lotsagarriekin. Ez dakit zergatik ari garen denbora galtzen halako zerbait eztabaidatzen. – Erregina gehiegi ikusten dut nik hemendik –Fidel, saltsa bila-. Cher, Madonna, Kylie… profeta hutsak. Hutsak zentzu guztietan. Jon Bataiatzaileak, ahotsak basamortuan deiadarka, “Bere” etorrera iragartzen, “Etorrera”. Erregin-ama ugari, eta amamaren bat ere, baina printzesa bakarra. Bakana. Betirako. Britney, Poparen Printzesa. Britney abeslari bat, artista bat edo pop izar bat baino askoz gehiago izan da. Britney Errenazimentuko printzesen irudiaren eguneratze bat da, Margot de Valois, Lukrezia Borgia edo Gaztelako Juana bezalakoena. Haiek guztiak bezala, Britney neskatila inozo eta zaurgarri bat izan da, bere gurasoek gupidagabe ustiatu dutena, haren edertasun, talentu, gaztetasun eta botereaz aprobetxatzeko. Zorigaiztoko printzesatxo bat, maitatu, maitatua izan eta zoriontsu izan baino besterik nahi ez zuena. Eta ez dezagun ahaztu Britney ere, beste pertsonaia oso famatu bat bezala, “gurutzean hil eta hobiratua” izan zela (haren argazkiak, ilea moztuta argazkilari bati eraso egiten, gogoratzen dituzue, badakit baietz), baina “hirugarren egunean berpiztu zen” (Blackout) eta “zerura igo” (Circus) eta “aintzaz itzuli zen” (Seven). Britneyren istorioa jainko eta mito askorenarekin bat datorrela ez dut nabarmenduko. Hemengo eztabaida hau jainko, jainkosez eta sainduez bada, Britney da eztabaidagai bakarra. Gainontzekoak erdipurdiko mari-zoro batzuk baino besterik ez dira. Bonbak eztanda egin zuen. The Hillseko areto nagusia –Hego- Koreako parlamentua bihurtu zen. Hamahiru jaun heldu, ikasi, garbi eta itxura onekoen arteko eztabaida bat zena, arrain-saltzaileen arteko liskar bat bilakatu zen bat-batean. Elkarri bota zizkioten irain eta madarikazioak akelarre sataniko batean ere debekatuta egongo lirateke. Hamahiru aho itxuragabetu haietatik apo eta sugeak irten ziren. – Madonna? Madonna?! Zoraturik gaude ala! Atso horrek ez du deus ere asmatu, kopiatu baizik. Berandu eta gaizki kopiatu. – Egin otoitz, hil behar zaitut-eta! – Britneyk ba al daki abesten? – Begiak hustuko dizkizut! – Kylie? Bere ahizpa Danii esango bazenida, agian, baina Kylie… – Tripak ahotik aterako dizkizut! – Nor izan zen Cher? Bilera aspergarri bat izateko itxura zeukanak greziar mitologiaren omenezko jai bat bihurtu zen. The Hillseko lau bizilagunak Medusan itxuraldatu ziren. Haien ileak sugeak ziren, eta haien begietara begiratzen zuena harrizkoa bihurtzen zen. Pandoraren kutxa parez-pare zabaldu zen eta, hamahiru jaun haien arimen zoko ilunen batetik, zazpi giltzez gorde beharreko haserrea, gorrotoa, krudelkeria, amorrua eta bortxa irten ziren. Haien biraoek Kraken munstroa esnarazi zuten eta honek hondamena hedatu zuen. Hiru Furiek hamahiru adineko gayen gorputz, ahots eta begiradez jabetu ziren. – Kylie hori nano bat da. – Britneyren talentu ezagun bakarra loditzea da. – Madonnak abesten ikasi beharko luke aintzat har dezagula nahi badu. – Cher nor izan zen? Egoiliarren hitzek pertsona heldu bat hiltzeko edo larri zauritzeko gai ziren, baina ez zuten eraginik haien gorputz eta osasunean. Immunizatuta omen zeuden. Haietako bakoitzak bere jainkosa edo sainduari zuzendutako irainak labankada bat gibelean bezala jasotzen zituen, baina berehala konpontzen zen eta beste irain-labankada batekin erantzuten zuen. Ez zen indarkeria fisikorik egon. Ez zuten behar. Ez zen odolik isuri. Ez behintzat gorri eta likidoa. Gorputz batek gorde dezakeen behazun guztia jaurti zutenean, liskarra baretzen joan zen. Nola? Zerk gidatu zuen Kraken bere urpeko haitzulora? Zergatik lasaitu ziren hiru –hamahiru- Furiak? Jarrera kontrajarri eta bateraezinak babestu arren, egia nagusiago batek lotzen zituela ohartu zirenean aldatu zen tonua. Guztiek idolo bakar bat ez zutela sekula gurtuko, baina beste buztinezko idoloekiko gorrotoak batzen zituela ondorioztatu zuten. Hitzezko sarraskiaren gailurrean, egoiliarretako batek ideia doilor eta gupidagabe bat izan zuen: Mariah Carey eta Christina Aguilerarekin alderatu zituen bere aurkarien idoloak, antitalentu eta antikarismaren irudiekin. Hillstarren letaginak leundu ziren eta irribarre egin zuten guztiek. Gauza bera haietako batek Gloria Estefan aipatu zuenean. Bermutaren ordua zela jabetu ziren eta erronda bat eskatu zuten. Bermutak, bere oliba eta muskuiluekin, entente cordiale batera iristeko balio izan zuen: lau jainkosen erretratuak zintzilikatuko zituzten areto nagusiko lau hormetan. Beste hiru gogaikarrien erretratuak ere eskegiko zituzten, baina komunetan eta buruz behera. Horrela hasi ziren The Hillsen benetako pertsonalitatea adierazteko lehen urratsak ematen. Hura zen ildoa. XVI I´ve been through cancer, divorce, loss and bereavement, but they are things most humans go through. Minbizia, dibortzioa, galera eta dolua pasatu ditut, baina pertsona gehienei gertatzen zaizkion gauzak dira horiek. OLIVIA NEWTON JOHN Alainek eta Elenek euren ideia proposatu zutenean, hots, The Hills solidaritate, ekologismo, jasangarritasun eta ongizate orokorraren ikur antzeko bat bihurtzea, hillstarren begietara inuzentekeria hutsa zena, Teok, abokatu erretiratuak, bere bizikideek planteamendua irrigarri jartzeko argudioak ematen hasi baino lehen ere, bere eserlekutik jaiki eta aretoa utzi zuen, zaratarik gabe, aitzakiarik jarri ezta azalpenik eman gabe. Lehenengo batzarra, eratzailea, amaitu ondoren, eta hillstar batzuek euren saindu jagoleen erretratuak bilatzen zituzten bitartean, Fidelek Teo bilatu zuen. Gimnasioan aurkitu zuen, bizikleta estatikoan pedalei eragiten esprint baterako abiadurarekin. Sekula ez zuen gimnasioan ikusi aurretik. – Bikotetxoaren ekimen txoroa indargabetu dugula esatera natorkizu. Jakin nahiko zenukeela suposatu dut, agerikoa izan baita erasan dizula. Teok erritmoa baretu zuen eta, bizikletatik jaitsi gabe, aurpegiko izerdia sikatu zuen lepo gainean zeraman toallaz. – Pozten naiz. Barka iezadazu zakarkeria, baina geratu banintz esango nituzkeenak bestelakoak izango zirela aurreikusten nuen eta nitaz ideia oker bat egingo zenuten. Azken finean ez da hainbeste denbora elkar ezagutzen dugula. Haren ahotsaren tonua, erdi haserretua erdi nekatua, esfortzu aerobikoaren ondorioa izan zitekeen edo barne-mamuren batena, Alainelenek deitutako mamuren batena, Teok pedalei eraginez uxatu nahi zuena. – Iraganean antzeko egoeratan murgilduta aurkitu naiz eta badakit txandrio bat bilakatzen direla. Mundu guztiak itxuraz aurrerakoien dirudien jarreraren alde egiten du, zentzugabea eta gezurtia bada ere; eta zu, arrazionaltasun pixka bat ekartzeko asmoa duzun hori, kasurik onenean ezjakintasun hutsa eta txarrenean iruzur bat dena agerian jarri nahi duzun hori, atzerakoitzat jotzen zaituzte, faxistatzat, eta txarrena dena, pribilegiatutzat. Teok pedalei eragiteari utzi zion. Bizikleta estatikoak, inertziak bultzatuta, biraka jarraitu zuen aldi batez. – Dirudienez –erantzun zion Fidelek-, gu ez gara mundu guztia bezalakoak. Antza guztioi, gutxi gorabehera, zentzugabekeria bat iruditu zaigu ideiatxoa. Alainek eta Elenek aspertu ez gaitezela nahi omen dute, besterik gabe, eta bingora jolasten diren horietakoak ez garela ikusi bide dute. Dummientzako geriatria eskulibururen batean irakurriko zuten. Kasua da etxe honen barruan inork ez daukala besteei bere ideiak inposatzeko asmorik, ezta besteenak inposa diezazkiotela ere. – Barkamena eskatu beharko nuke? – Ezta pentsatu ere! Inor ez da iraindua sentitu, lasai. Ziur nago guztiek primeran ulertu dutela zure portaera. Ideia barregarri hura leherrarazi dugula esatera etorri natzaizu, ez azalpen eske. Lasai egon zaitezela nahi nuen. Bileran hitz egin dugunagatik badirudi ados gaudela etxe hau gu guztiona dela, eta falta zitzaiguna litzateke gure etxean eta gure adinean norbaitek ideiak eta portaerak inposatzen saiatzea, gizalegezkoak, solidarioak eta batek daki zer izanik ere. – Egia esan, lasaiago geratzen naiz horrela. Bileran horrelako zerbait esango lukeen bakarra izateaz beldur nintzen. – Ikusten? Gutaz fida zaitezke, apur bat bederen. Ez gatoz leku hain ezberdinetatik. Eta aldi berean badakigu alderdi askotan elkarren artean inolako zerikusirik ez daukagula. Nork ziurta dezake gu hamahiruren artean atzerakoirik ez egotea, ez faxistarik, ezta, txarrena dena, pribilegiaturik? – Halaxe da. Edo ekologista etiketadun atzeraturen bat, berotze globalaren aurka borrokatzen dutela dioten horietakoa, baina aldi berean ikatzaren lekuko ustiakuntza defendatzen dutenetarikoa, meatzarien alde egiteko. – Bai. Horrelakoren bat edo beste balego ere, bere etxean leudeke guztiak. Eta bere etxean daudenez gero, baketan utziko ditugu. Etxetik kanpo borrokatu edo lotsaraziko ditugu. – Orduan, badirudi ez nintzela oker ibili hona etortzeko erabakia hartu nuenean –onartu zuen Teok-. – Aurkikuntza horrek garagardo bat merezi du. Horrela beroaldia joango zaizu. – Berandu goaz jada. The Hillsek ateak zabaldu zituenean, gimnasioko edarien makina ur mineralez, zukuez, edari isotoniko eta energetikoez gainezka zain zegoen, egoiliar berriek behar bezala hidratatuta eta mineralizatuta egin zezaten soinketa. Hillstarrek egoitzako kudeatzaileei egin zizkieten lehenengo eskakizunetako bat, makina hark garagardoa saldu zezala izan zen –“gutxienez botoien erdiek”, zioten eskakizunean-. Fidelek bere smart-watcha makinara hurbildu zuen eta txekiar marka baten logoa zeukan botoia sakatu zuen birritan. Jatorriz etxeko kotxe-tokia izandakoan eraiki zuten The Hillseko gimnasioa. Beste aldaketa ugariren artean, horma oso bat beirate erraldoi batez aldatu zuten, pedalei eragiten eta eskailerak igotzen zituztenek, lekutik mugitu gabe, lorategia begiratzeko aukera izateko. Beiratearen beste aldean solarium bat antolatu zuten, irokozko zoruarekin, etzaulki eta besaulkiekin. Fidel eta Teo udazkeneko eguzki motelera eseri ziren eta garagardoekin topa egin zuten. – Mesedez, ez pentsatu psikoanalista ikastaro merke baten praktikak egiten ari naizenik –esan zuen Fidelek, lehen zurrutadaren ondoren, luzeena eta zapore onenarena-, baina zuri gizakiok ohi baino gehiago huts egin dizugula ematen dit. – Ba zintzoa izanik, horrela esanda, low-cost terapia batean gaudela badirudi –erantzun zuen Teok-. – Barkatu, bai, ikaragarria izan da galdera. Esan nahi nizuna, beste barik, gertatu zaizun edozer konta dezakezula da. Badakizu hemen inork ez zaituela epaituko. Alderantziz, ziur arrotza ez zaigula gertatzen. – “Boterearen morroitzat”, “gaizkidetzat” eta “kastaren zuritzailetzat” ere jo naute noizbait. Pentsa ezazu. – Bistan zegoen zurekin jendea grinatu egin dela iraganean. – Uste dut badakizula abokatua izan nintzela. Bezeroren batek zuzenbide zibileko, merkataritza-zuzenbideko edo penaleko kasuren bat bazeukan ez nion ezetzik esaten, baina nire espezialitatea Lan Zuzenbidea zen. Alor horretan lortu nituen nire karrerako arrakasta nagusienak. Hala da eta nik esatea ez da harrokeriarik. Berez nire lana langileen alboan egotea zen, horiexek baitziren nire bezeroak, eta enplegatzaileen aurka. Behin (ez, behin baino gehiagotan) kaleratze kolektibo bat epaitegietan baliogabetzea lortu nuen eta enpresak langile guztiak berriz onartu behar izan zituen. Enpresa hari, publikoa zena bide batez, merkeagoa irtengo zitzaiokeen ni erostea, langileak akordio batera heltzera konbentzitzeko. Ni mota horretako zaborra izan banintz. Baina inork ez ninduen sekula erosi. Gero entzun behar izan nituenak entzuteko. Nire burua zuritzen ari naizela ematen dit, ez da hori nire estiloa. – Ez, lasai. Bizitza elkarri kontatzen ari gara. Nire aurrean ez duzu bururik zuritu behar, ez zenuke ezer irabaziko. – Ez nuke arranditsu eman nahi, baina beti justiziaren zentzu oso barneratu bat izan dudala esango nuke. Betidanik haserretu naute pribilegioek, bidegabekeriek, bazterkeriak. Eta hori bertute bat denetz, ez daukat oso argi. Gazte nintzenean Zuzenbide ikasketak gaizki ulerturen batengatik aukeratu nituen, beharbada, abokatu lana justiziaren bilaketarekin lotzen nuelako-edo. Ez naiz gogoratzen. Baina nire lanetik at ere, sarritan, bizitzan aurkitu ditudan bidegabekeriak leuntzen edo konpontzen nahastu naiz. Zinikoagoa izan beharko nukeen agian. Agian deitu ez ninduten lekuetan ez nuen sudurra sartu behar izan. Ez didazu esan behar, mila bider errepikatu didate-eta. – Nik momentuz ez dut ezer esan. – Higiezinen burbuilak eztanda egin zuenean, ehunka sendiak euren etxebizitzetatik kaleratzen hasi zituztenean, suminduta sentitu nintzen, egun hitz hori guztiz baliogabetua egon arren. Ez nuen ulertzen zergatik hartu behar zen hain neurri gizagabe bat euren zorrak ordaindu ezinik zeuden pertsonekin. Ez nuen ulertzen zergatik ezin ziren akordioak itxi eta egoera egonkortu arte itxaron, jendeak berriz bere eginbeharrak betetzeko gai izan arte. Gehiegikeria anker bat neritzon, inoren onerako ez zena gainera. Ez ninduen sumintzen banketxe batek bere zorra kobratzen ahalegintzeak, baina ordaindu ezin zuenarengandik kobratzen saiatzea burugabekeria iruditzen zitzaidan. Sendiak kalean geratzea zen sumintzen ninduena. Horrenbestez, kaleratzeak gelditzeko borrokatzen ziren elkarteekin lankidetzan hasi nintzen. – Eta euren zorrak ez ordaintze aldera elkarte hauen babesa bilatzen zuen jendea topatu zenuenean, ziria sartu zizutela sentitu zenuen. Etsituta sentitu zinen, euren onurarako jendearen zoritxarraz eta solidaritateaz baliatzen ziren pertsonak zeudela jakitean. – Tira, hori ere bai, baina horrelakoak laster atzematen nituen. Egia da hasiera batean ezin nuela sinetsi horrelako aurpegi gogordun jendea existitu zitekeenik, baina laster ikasi nuen hauek alde batera uzten eta benetan merezi zuenari laguntzen. Korapiloa geroago iritsi zen. Elkartean bankuekin akordiotara heltzen saiatzen ginen, euren zorra ordaindu ezinean zeuden familien egoera errespetatzeko, kalean ez jartzeko. Eta akordiorik lortzen ez bagenuen, kaleratzearen egunean, babes pikete bat antolatzen genuen etxebizitzan, poliziak indarrez hustu ez zezan. Oso zalapartatsua izan zen haietako bat, hedabide guztietan irten zen. Bankuak ez zuen akordiorik itxi nahi bizilagunak ez zirelako bankuaren bezeroak, etxebizitza hutsik zegoela aprobetxatuz euren etxea bihurtu zuten familia bat baizik, bankuak “okupak” deitzen zituenetarikoak. Familia honek lau seme-alaba zeuzkan, urte batekoa txikiena. Elkartean lau ume kalean jartzea ez zela gizalegezkoa erabaki genuen, nahiz eta haien gurasoek bankuarekin kontraturik ez izan, eta alokairu akordio batera iritsi behar zela. Hortaz, etxebizitzan sartu ginen guztiok, ea polizia guztiok indarrez ateratzera ausartzen ote zen. Kaleratze egunaren aurreko gaua etxean sartuta pasa genuen, ez genekielako polizia ze ordutan etorriko zen. Elkarteko kideetako bat politikari ezagun bat zen, iraganean esanguratsua izan zena baina orduan jada kargurik ez zeukana. Hark ere, bere emazte eta alabarekin, etxean igaro zuen gaua eta hedabide asko deitu zituen gertatzear zegoen bidegabekeriaz informatzeko. Egunsentian polizia agertu zen eta indarrez atera gintuzten guztiok. Kazetariek poliziaren indarkeria grabatu zuten. Poliziaren irudiak, ama bat bere lau seme-alabekin euren etxetik ateratzen, eguneko albistegi guztietan argitaratu ziren. Eta politikariaren irudi bat ere, poliziak arrastaka kalera zeramala. Gure borroka, gure kausa, iritzi publikoaren ahotan zegoen. Handik aste gutxitara antzeko kasu bat iritsi zitzaigun. Adingabeko seme-alabak zeuzkan sendi bat kaleratu behar zuten. Gure aholkularitza emateko joan gintzaizkionean, hara, aurreko ama berbera zen, lau seme-alaba berberekin, tartean urte batekoa. – Gixajoak. Hori bai zorte txarra. – Usain txarra zerion egoera guztiari, baina ez nekien ziur zergatik. Ia egunero zeuden kaleratzeak hirian eta, ehunka sendi haietatik, batek berak gure laguntza birritan behar izana, eta hain epe laburrean, arrotz suertatzen zitzaidan. Baina ez nekien zergatik. Berriz ere etxean sartu ginen familiarekin eta orduan poliziak ez zuen kaleratzea burutu. Gure elkartearen arrakasta bat izan zen, gure kausarena. Eta hedabideetan argitaratu ziren irudien arabera, politikari ohi ezagunaren arrakasta bat ere. – Uste dut hau nola amaituko den usnatzen dudala. – Segidan, hipoteka exekuzio baten ondorioz bere etxea galdu zuen langabe baten kasua iritsi zitzaigun, zeinari bankuak enkantearen ostean geratzen zen zorraren hondarra kobratu nahi ziona. Konpañero honek (horrela deitzen genion elkarri) bankuaren aurrean kanpatu zuen hamar hilabetez, zorraren barkamen osoa lortu arte. Beste arrakasta bat. Harekin batera egoten ginen aldiro, kanpaldia jasangarriagoa eta aldarrikapena ikusgarriagoa egiteko. Zorraren kitapenaren agiria jaso zuen egunean elkarteko konpañeroak laguntzera joan gintzaizkion eta prentsa ere agertu zen lorpenaren lekukotza jasotzeko. Besarkatu eta zoriondu nuen. “Azkenik lortu duzu, zoriontsu egon behar duzu”, esan nion. Badakizu zer erantzun zidan? “Gutxi gorabehera”, esan zidan, “Jada ez daukat zorrik, baina nire hileroko ordainsaria galdu dut”. Ez nuen deus ulertu. Eta, bat-batean, den-dena ulertu nuen. Elkarteko baten batek zein etxebizitzetan kaleratzeak egongo ziren jakin bide zuen. Auzitegietan kontakturen bat edukitzea nahikoa zen horrelako informazioa eskuratzeko, ez maila nagusikoa gainera. Baten bat horrek berak, haien seme-alabak tentsio eta bortxakeria egoera batean jartzeko nahikoa lotsarik ez zeukan sendi bat aurkitu zuen; eta kaleratzear zegoen etxebizitza hartan sar zitezen ordaindu egiten zien. – Ziur zaude ama hark bere seme-alabekin etxe haietan bizitzeagatik kobratu zuela? Horrelakoak egiteko kapaza den jendea badagoela uste duzu? – Telebistako talentu konkurtsoetan agertzen diren sendi berak dira, oso behartsu direla baina euren seme edo alaba oso talentuduna dela esaten dutenak. Izan ere, ume haietako bat gero telebistan abesten ikusi nuela zin egingo nuke. Baina azkeneko hau nire begirada itsutuaren gauza izan daiteke. Sendiak kobratzen zuela bai baieztatu nuela. Kanpatzen zuen konpañeroak, bankuaren aurrean geldirik egoteagatik, kobratzen zuen bezala. Hau balitz guztia ez legoke zertan asaldatzerik, alderantziz, filantropo baten aurrean egongo ginateke. Etxerik gabe zegoen sendiari eta langabeari dirua ordaintzen ziena ongile anonimo bat besterik ez litzateke; galtzen irteteko aukera handiak zeuzkan kausa baten aldeko borrokari, bere esku zegoen laguntza eman nahi ziona. Baina gehiagorik egon zen, jada igarriko zenuena, eta kasua beste modu oso ezberdinean ikustera eraman ninduena. – Politikari ohi ospetsua zuen lepotik bere burua sustatzen ari zen. – Halaxe. Hilabete gutxi geroago elkarteko gure konpañeroa, politikari ohi sonatua, politikaren oholtza alde batera utzi zuena, bere hitzetan jendearengandik eta haien arazoetatik hurbilago egoteko, hiriko alkatetzarako hauteskundeetara aurkeztu zen. Alderdi sortu berri baten buru bezala aurkeztu zen, emaztea eta alaba, elkarteko konpañeroak hauek ere, zerrendan zeramatzala. – Zure etsipena ulertzen dut, baina elkartearen kausa bidezkoa zen edonola ere. Zuk egin behar zenuena egin zenuen. – Ez, inola ere. Elkarte hura, bidezko kausa baten banderadun zela uste nuena, bidegabekeria anker bat salatu eta agerian jarriko zuela sinesten nuena, azkenean gezur bat izan zen, lotsagabe batek sortutako amarru bat, ni bezalako inozoengandik probetxua ateratzeko eta kargu publiko bat harramazkatzeko. Eta nire engaiamenduak eta ardurak zeozertarako balio izan bazuten, haien seme-alaben irudiarekin trafikatu eta hauek polizia-bortxakeria egoeretan jartzen zituzten guraso batzuei laguntzeko izan zen. – Ez dut uste Alainelenek antzeko asmo ezkuturik izan dezaketenik. – Edonola ere, antzeko egoera betetik igarotzeko inolako asmorik ez daukadana ni naiz. – Bileratik hasieran alde egin duzulako, bestela jabetuko zinen The Hillsen inork ez daukala mundua salbatzeko aitzakia duten iruzur horietako bat antolatzeko asmorik. – Beste garagardo bat? XVII Money? How did I lose it? I never did lose it. I just never knew where it went. Dirua? Nola galdu nuen? Inoiz ez nuen galdu. Nora zihoan sekula ez nekien, beste barik. EDITH PIAF Nora zihoazen Alain eta Elene The Hillsetik irteten zirenean? Nondik zetozen egoitzara heltzen zirenean? Zein zen haien bizitza? Nortzuk ziren? Beti zeramaten bizkarra hain tente? Irribarre etengabe haiek ez zieten sekula ihes egiten aurpegietatik? Behatzaile batek haien gainean jarri beharko luke begirada eta galdera hauen guztien erantzuna bilatu. Haien ibilgailu elektrikoa jarraitu beharko luke The Hills inguratzen zuten hormetatik aldentzen zenean, haren kutsadurarik gabeko aztarna isilaren atzetik joan hiriko kaleetan zehar, kanpoaldeko auzo berri bateraino. Etorbide zabaldun auzo horietako bateraino. Klase ertain burgesaren logela izateko pentsatua izan zen auzo horietako bat. Etxebizitza aniztun eraikinez beteriko auzo bat, bere garaian azken belaunaldikotzat zeuzkaten kalitatez eraikitakoak. Ustez, familiez bete beharreko etxebizitzak eta eraikinak. Diru sarrera bikoitz eta egonkorrak zeuzkaten familiez. Hori zen ideia. Familien atzetik, hauek behar zituzten zerbitzuak iritsiko ziren auzora, dendak, ikastetxeak, kiroldegiak, anbulatorioak. Noizbait hirigunea izan zena, bat, bakarra, lehertu eta gune anitzetan biderkatuko zen. Haurrek auzo horietako parkeetan jolastuko ziren, ez zuten autobusa hartu beharko eskolara joateko. Norbait gaixotuko balitz auzoan bertan edukiko zuen osasun zentroa ere, eskura, -antzinako- hirigunera joan beharrik gabe. Hirigintza diseinu berri hori, utopia berri baten gauzatzea izango zen. Auzoak, hiri inguruko auzoak, sendi gazteez populatuko ziren, haur osasuntsu eta eskolatuez. Baina utopiarako bidean, mekanismoaren engranajeren batek huts egin zuen. Noizbait. Nonbait. Eraikuntzaren zorioneko burbuila hark eztanda egin zuen XXI. mendeko lehen hamarkadaren azken aldera. Hura bezalako auzoak, mamu-auzo bihurtu ziren. Utopia mamutan itxuraldatua. Familiak ez ziren sekula iritsi. Eraikin ugari ez zen bukatu, eta bukatu zirenak hutsik geratu ziren, eskeleto bat bezala; erraiez, giharrez eta azalez bete ez den eskeleto bat bezala. Eraikinen inguruan ez zen belardi edo parkerik sortu. Kiroldegi edo osasun zentrorik ez zen zabaldu. Eta jakina, nork zabaldu behar zuen denda bat bertan? Nori saltzeko? Zinema eta telebistak –“Brady Brunch”, “Modern Family”- behin eta berriz deskribatutako fikziozko utopia hark, bestelako filmetan –“Mad Max”…- deskribatutako distopiari utzi zion lekua. Ez argirik, ez urik, ez inolako hornidurarik gabeko eraikin -bukatu eta bukatugabe- haiek “bando” eta “vando” izenekoez bete ziren. Mad Max eta antzeko filmetako fikzioa eguneroko bizitzako kostunbrismoa bilakatu zen. Krisiak jotako jende ugarik, hipoteka edo alokairu bat ordaintzeko diru sarrerarik ez zeukanak, eraikin hauetako etxebizitza baten atea behera bota eta bertan bilatzen zuten aterpea. Sarritan ez zegoen atea behera bota beharrik ere, aterik ez baitzegoen. Bestalde, hipoteka edo alokairurik ordaindu nahi ez zuten antikapitalistek, energia hornitzaileei eta ogasunari iskin egin nahi zieten anarkoek, euren utopiarako abagunea eta lekua aurkitu zituzten. Inork -ez eraikitzailerik, ez bankurik, ez udalik- ez zuen jende hura, bando eta vando talde haiek, etxebizitza eta auzo horietatik botatzeko ardura hartu. Ez zegoen orduan horretarako dirurik ezta indarrik ere. Baina arrazoi nagusia betikoa zen: kaleratzeek ez zioten inori etekinik ekarriko orduan. Kapitalismoa ez zen hil. Lotan zegoen. Ekosistema hura ere garatu, bilakatu egin zen urte batzuen buruan. Atea behera bota zutenen artean, hasiera batetik, hura aldi baterako eta ezinbesteko konponbide bat izan zen. Ez ziren gustura sentitzen egoera hartan. Lunpen ziren, gizarte mailen artean urriena, baina gizarte kapitalistaren zati bat azken finean; eta hortaz, ez ziren bere egoeraz harro sentitzen. Izan ere, klase ertainetik zetozen, eta etengabeko aurrerapen eta erosotasunari buruzko mezu estupefaziente batzuek lokartuta bizi izan ziren, ispilatze hori haien begien aurrean eta haien buruen gainean eraitsi zen arte. Euren baitan, benetan, nahiz eta duintasun edo harrotasunagatik publikoki ez aitortu, euren egoerak lotsatzen zituen. Alde batetik, seme-alabak zeuzkatenak beldur ziren gizarte zerbitzuek noizbait kenduko ez ote zizkieten, urik eta berokuntzarik gabeko etxe batean bizitzeagatik. Eta beste alde batetik, edonon helbidea eman behar zutenean -lan berri batean, gizarte segurantzan-, lotsa apur bat sentitzen zuten, lurralde komantxe hartan bizitzeagatik. Horrela, egoerak apur bat hobera egin zienean, etxebizitza haien alokairua ordaintzeko prest zeudela adierazten hasi ziren, oinarrizko hornidurak lortzeko eta apurka auzo “arrunt” bat garatzeko. Krisiak frustratutako jomuga burgesek bizirik zirauten “okupa” haien barnean. Haien benetako jomuga “pisutxoa” zen oraindik. Baina haien eskaintzek ez zuten erantzunik lortzen. Pisuak alokatu edo salduko zituen jaberik ez zegoen. Krisiarekin desagertu ziren. Ondorioz, hiriko beste auzoetan ere etxebizitzen prezioek eta alokairuek nabarmen egin zutenez behera, okupak alde egiten hasi ziren, pixkanaka. Anarkoek, bestalde, ez zuten balizko jabe batzuekin tratutara heldu nahi. Auzo haiek antolakuntza burges-kapitalistatik kanpoko Arkadia bat izaten jarraitzea nahi zuten. Sistema kapitalistatik at antolatutako lurralde baten, “hiri” baten, albisteek mundu guztiko antikapitalistak erakarriko zituztela uste zuten. Baina ez zitzaien inor agertu. Auzoko etxebizitzak berriz husten hasi zirenean, lurraldea handiegia bihurtzen hasi zen hain idealista gutxirentzat. Eta haiek ere alde egiten bukatu zuten, Christianiara batzuek, Kubara beste batzuek… eta hirigunera ere beste batzuek, isilik eta ezkutuan, gurasoek eskainitako lanpostuetara. Horrela auzo haiek hutsik gelditu ziren bigarren aldiz, justu krisi ekonomikoa gainditutzat hartzen hasi zenean diskurtso ofizialetan, edo, era ez ofizialean esanda, aurreko garaietan krisi egoera lazgarri bezala deskribatuko zena, gizarte eta ekonomiaren egoera normaltzat hartzen hasi zenean. Orduan bai, bankuek eta putre funts izeneko beste jabe berri batzuek auzo haietako pisuak saltzen hasi ziren. Bada, holako auzo batean bizi ziren Alain eta Elene. Enpresariak. Sustatzaileak. Zergatik? Nola iritsi ziren horraino? Zerk edo nork bultzatuta? Egoitza bisitatzetik etxera bueltan zetozen arratsalde hartan ere. Baziren sei hilabete The Hills zabaldu zenetik eta, haien neke aurpegiek iradokitzen zutenagatik, lan itzela eman behar zien zorioneko egoitzak. Atea ipurdi kolpe batez itxi eta zapatak kendu zituzten. – Ezin dut gehiago! –Elenek, logelako ohe gainean eserita eta trajeko botoiak askatzen zituen bitartean.- – Lasai maitea –Alainek, zutik-. Bagenekien gure proiektuak denbora beharko zuela, ez zuela emaitzarik berehala lortuko. Hasieratik ados egon ginen pazientzia beharko genuela. – Bai, bagenekien –trajearen jaka erantzi eta ohe gainean etzan zen Elene, sabaira begira-, baina inork ez zigun esan gay zaharren talde bat zeinen nekaezina den! – Ez genuen targeta behar bezala ikertu. Arrazoi duzu horretan. Baina aurretik uste genuena baino denbora apur bat gehiago baino besterik ez dugu beharko. Apartamentuaren barrualdeak, auzo osoak bezala, ez zeukan pertsonalitate edo berotasun izpirik ere. Pareta haien artean behin-behinekotasuna, iragankortasuna, arnasten zen. Ez zen benetako etxe bat hura, ez zen sustraiak errotzeko leku bat, etorkizun bat eraikitzekoa, aldi baterako aterpe bat baizik, presaka eta etsipenez aukeratutakoa. Ez zen bizileku bat, kanpamentu bat baizik, inoren lurra. – Ezagutu duzu inoiz horrenbeste edaten duen inor, adin horretan bizirik dirauena? Eta edatea baino besterik ez balitz! Drogak ere hartzen dituzte! Eta viagra! – Viagrarena aurreikusi genuen, txostenean dago, eta gure asmoetarako lagungarria izan zitekeela uste genuen. – Zuk diozu: “uste” genuen! Eta kale egin genuen, bistan dago. Viagra gehiegi hartzeak ez omen zituen bihotzekoak eragiten ala? Ba ez, gure bezeroei ez. Viagra gehiegi hartzen duten adinekoak bihotzekoak jota hil egiten dira, baina heteroak baldin badira soilik. Viagrak ez dauka zer eginik adineko gay baten bihotzarekin, dirudienez. Prospektuak zehaztu beharko luke. Eta amilo-nitrito hori? Zer da hori? Interneten irakurri genuenagatik, odola garunetara bultzatzen du eta iktus baten arriskua areagotzen du. Ja! Pertsona arruntengan izan behar du hori, gure bezeroek intsentsua balitz bezala usnatzen dute-eta. Biluzik zeuden paretak. Ez zen margorik ikusten, ezta argazki pertsonalik ere. Egongelako arasa eskeletikoan ez zen libururik ikusten ezta. Apartamentuko zoko ezberdinetan barreiatuta bai ikus zitezkeenak hustu gabeko mudantzaren kutxak ziren. – Harrituta nago ni ere. Hasiera batean, ohitura horiek guztiak ezagutu genizkienean, haietako baten bat ez ote zitzaigun goizegi hilko beldur nintzen. Eta begira, sei hilabete joan dira eta bat ere ez da gaixorik jarri. – Ez dira gaixotu aurretik bazeudelako gaixorik! –Elene erotuta zirudien ordurako.- Haiekin mintzatuz gero, guztiek daukatela GIBa esaten dizute, eta haietako baten batek berrogei urte daramatzala birusarekin. Normaltasun eta lasaitasun osoz kontatzen dizkizute horrelakoak! Ni ulerkorra izateko prestatuta nengoen. Bazterkeria, diskriminazio eta estigmaren aurkako diskurtsoak ikasiak neuzkan. Gay friendly, positive friendly eta guzti horiek nintzelako plantak egiten ikasia nintzen. Baina hauei bazterkeria bost zaie! Eta estigma musika talde bat dela sinesten zuten! Michel Creturena… hori esan zidan batek. Sifilisaz ere gripe arrunt batez ari balira bezala hitz egiten entzun nien behin! Zuk nahi duzuna esan dezakezu, baina hau ez da normala. Zenbat itxaron beharko dugu? Ez al gara gu lehenago hilko? – Pazientzia Elene, pazientzia. Kontuz, arretaz ibili beharko dugu. Holakoak ezin zaizkigu jendaurrean entzun. Gogora ezazu jendaurrean negozio gizon-emakumeak garela, gizarte zerbitzurako bokazioarekin. Gogoan izan: gay jendearen arazoak eta beharrizanak ezagutzen eta ulertzen ditugu, eta haiei zerbitzu eta berotasuna ematearekin engaiatuak gaude. – Kaka zaharra! Gure dirua, gure azkeneko sosak sartu ditugu hemen eta hau ezin zaigu gaizki atera! Hau ez! – Ongi diozu: gure azkeneko aukera da hau. Eta ez zaigu gaizki aterako. Ziur egon zaitezke. Ongi aztertu ondoren gure aurrezki guztiak sartu genituen proiektuan, ongi aterako zela ziur geundelako. Baina, berriz diotsut, dena behar bezala irteteko kontuz ibili behar dugu, tentuz, urrats faltsurik eman gabe. Hasiera batean uste genuena baino denbora pixka bat luzeagoa itxaron beharko dugula? Tira, pazientzia izan beharko dugu. Baina ez akatsik egin, ez hankarik sartu. – Hobe duzu arrazoi izatea, bestela zureak egin du. – Ez Elene, ez: gureak egin du. XVIII I would not kill my enemies, but I will make them get down on their knees. I will, I can, I must. Ez nituzke nire etsaiak hilko, baina belauniko jarriko ditut. Egingo dut, egin dezaket, egin behar dut. MARIA CALLAS Batzar Sortzailearen arrakasta ikusita, gehiago nahi zuten hillstarrek eta aldiro batzartzea adostu zuten –Alain eta Elenen iradokizunari men eginez, bide batez-. Zeren, bai, egoiliarren burmuin egitura aldrebesetan, heziketa, portaera eta elkarbizitzaren gutxieneko arau guztiak alde batera utzi ziren liskar lotsagarri hura, arrakasta bat izan zen. Urdeak txerritokian bezala, euren saltsan plisti-plasta gozatu zuten. Guztiek gustuko zuten kirol bakarra iskanbila zela aurkitu zuten eta ez zuten handik aurrera elkarrekin jolasteko paradarik galduko. Lehenengo batzar hartako egitura bigarrenean eta hurrengoetan ere errepikatu zuten, horretarako expreski akordiorik hitzartu gabe, eta inor ez zen harritu adostasun tazitu horrekin. Guztien arteko eztabaida –zalapartatsua- piztuko zuen gai bat proposatzen zuten batzar bakoitzerako; ondoren, sei burudun hidra bat edo Margaret Thatcher bera ere kikilduko lukeen hitzezko indarkeria psikologiko sesio bat zabaltzen zuten; eta, forentse baten txostenean ere zentsuratuko lituzketen biraoak eta irainak gurutzatu eta gero, guztiek ahobatez babestutako akordio batera iristen ziren. Izan ere, lehenengo batzarrean gertatu zen bezala, gainerakoetan ere zera berretsi zuten hillstarrek: nahiz eta jarrera bateraezinak izan, gorrotatzen zituzten pertsona eta gauzetan beti zetozela bat. Nor mirestean edo zeren zale izatean ez ziren sekula ados jarriko, baina ezinikusi eta gorrotoez mintzatzean, ama bakar batek erdi balitu bezala joka zezaketen. Batzar bakoitzaren amaieran, nahitaezko borroka dialektikoaren ostean, partekatzen zuten gorroto baten inguruko adierazpen bat egiten zuten eta akta batean laburbildu. Akta haietan jasotako erabaki eta ondorioak –“Christina Aguilerak armak utzi beharko lituzke, eragindako kaltea onartu eta biktimei barkamena eskatu”, “Celine Dion Hagako Auzitegiaren aurrera eramatea proposatzen dugu”, eta antzeko ganorabakokeriak- The Hillsen izenean sare sozialetan zabaldutako kontuetan argitaratzen zituzten. Hura zen hillstarren interes eta ardurak jakinarazteko modua, gizarteak haien kontzientziazio eta engaiamendu maila ezagutzekoa. Zer esanik ez, batzar –anker- haietan eztabaidatutako gaiek ez zeukaten inolako zerikusirik Alainek eta Elenek, euren utopiazko gayland bati buruzko ametsetan, asmatutakoekin. Egoiliarrek ez zuten azukrearen murrizketari buruzko akordiorik adostu batzarretan. Ozono geruza mitiko hura konpontze aldera ere, ez zituzten esprai moduko desodoranteak edo laka ezta debekatu. Ekainaren 26rako ez zuten adierazpen ofizialik egin ezta ekintza berezirik antolatu. Abenduaren lehenengorako ezta ez zuten egoitzaren jarrera publikorik aurreikusten –bakoitzak jakingo zuen data horretan zer egin-. Jakina, ez zuten sekula Nagorno Karabaj, Trebiñu, edo antzeko lurralde gatazkatsuen aldeko adierazpenik kaleratu. Nork entzungo zien? Nork adituko? Jarrera zinikoegia zela hura esango luke norbaitek, baina hillstarren iritzian –adierazteko beharrik sentitzen ez zuten iritzian- aurkako jarrera litzateke benetan zinikoa. Eta koldarra. Hillstarretako bakoitzak bere iritzi etiko propioak zeuzkan, bere ideia politikoak eta sinesmen metafisikoak, bere bizitza osoan zehar landu eta eraikitakoak. Nahikoa zeukaten horiekin. Ez zuten euren bizilagunen iritzien babesik edo bultzadarik behar, ezta eurena besteei inposatu nahi. Bazekiten, horretarako adina bazeukatelako, euren ideologia eta engaiamendua non adierazi behar zituzten –horrelako hitzik ez zuten erabiltzen, baina hori zen pentsatzen zutena- benetan eraginkor eta erabakigarriak izan zitezen. Eta jakina, The Hillseko batzarra ez zen horrelako xedetarako lekurik aproposena, Alainen eta Elenen ameskeria burugabeetan izan ezik. Hortaz, gustukoen zituzten kiroletara jolasteko antolatzen zituzten batzarrak, hots, iskanbila eta gorroto adierazpenetarako. Ildo horri jarraiki, hurrengo batzarrerako gai bereziki korapilatsu bat eztabaidatzea proposatu zuten –bat bakarra nahikoa zen-: nor izan zen Gran Hermano saioko hogeita bost edizioetako lehiakiderik onena. Irabazlea emakumezko bat izan behar zela aurretik bazekiten hamahiruek. Beti bezala areto nagusian, baina mahai inguruen formalitaterik gabe, zirkuluan jarritako sofa eta besaulkietan etzanda baizik –zurezko zorua altzarien etengabeko herrestatzeak nozitzen hasia zen-, eztabaida hasi zuten. – Aida Nizar. Dudarik gabe –Borjak, normalean batzarretako eztabaiden gainetik zegoela aditzera ematen zuenak, oraingoan gogor hasi zuen-. Aidak behin betirako ezarri zuen zein izan behar zuen GHeko lehiakide baten kanona: gezurtia, egolatra, psikopata, inolako enpatiarik ezta heziketarik gabekoa. Bere buruaz hirugarren pertsonan hitz egiten zuen eta Jainkoarekin berarekin ere hitz egiten zuen, ozenki. Gainditu ezina –benetan gozatzen ari zen Borja-. – Ez nago ados –Paul, irmo, errotutako sinesmenek ematen duten irmotasunarekin-. Hura baino lehen, GH4n, telebistaren historian inork lortu ez zuena lortu zuen Sonia Arenasek: Maria Teresa Campos zuzentzera, atzera egitera behartu zuen. Ez al duzue gogoratzen? Arenasek Bertin Osbornekin oheratu zela kontatu zuenean, Mariterek, Bertin eta antzeko pertsonaia nazkanteen hain laguna denak, haserre bizian, bere saioan sekula ez zuela berriro GHri buruz hitz egingo zin egin zuen. Zinak biharamunera arte iraun zuen. “Goizetako Erreginak”, ministroen aurrean ezta kikiltzen ez zenak, kuleroak kendu behar izan zituen. Sonia Arenasek lortu zuen. Eta ez hori soilik, etxe barruan txandrioa antolatu zion euskal boxeolari hura tren batek zapalduta hil zen. Uste dut hau guztia nahikoa dela Sonia Arenasek superbotere bat daukala frogatzeko, hain zuzen ere bere arerioen energia txarraz baliatzen dakiela haiek menderatzeko. Egoiliarren zurrumurru eta espresioengatik, hautagai biek babes eta nazka sentimendu kontrajarriak pizten zituztela antzeman zitekeen. – Guztien artean lehenengoa, sortzailea, Ania Iglesias izan zen –Abelek, telebistako profesional ohiak eta, beraz, gaiaz zerbait jakin behar zuenak, bere hautagaia Asisko Klara balitz bezala hasi zuen haren defentsa-. Aniak definitu zuen lehenengo edizioan, eta gaur egunera arte, zeintzuk izan behar ziren reality bateko lehiakide baten jarrera, izpiritua eta estrategia. Ikusleen gehiengoak, masak, beti izango du begiko Ismael Beiro bezalako huskeria geza bat, baina benetako reality zaleek beti izango ditugu nahiago Ania bezalako irudiak. Gainera, hau guztia nahikoa ez balitz, etxetik kanpo Aniak anorexia izan zuen, Eva Sannumekin batera desfilatu zuen eta Sonia Madocen managera izan zen. Laburbilduz, Ania extreme-pop edo trash-pop estetika eta etikaren ikur nagusietako bat da. Txaloak entzun ziren, eta ez soilik Brunoren partetik, itxarotekoa zena, Iagoren eta Eloiren beraren aldetik ere. Nork esango zukeen Eloik eztabaidagai txoro haren inguruan aburu landu bat izan zezakeenik? Wallace, bere aldetik, bere bizikideak nortaz ari ziren ez zekiela baina liskarrarekin gozatzen ari zela argi zegoen, postumore saio baten aurrean edo absurdoaren antzerkiaren emanaldi batean balego bezala. – Punk performer bezala lehiakide batek ere ez du Noemí Ungríaren maila berdindu –Manuk faborito bat izan behar zuen-. Andre honek, bikotekidez aldatu gabe, homosexuala eta heterosexuala izatea lortu zuela gogoratu behar dizuet, Jud(ith) bere neska-laguna David izatera igaro zenean. – Deialdia gaizki ulertu ez banuen, batzar honetan GHko zein lehiakide izan zen hoberena argitu behar genuen –Dylanek bere hautagaia zeukala zirudien, eta kasu honetan ez zen Borjarena izango-, horrenbestez, haietako bakoitzak konkurtsoan erakutsitako jardueraren maila aintzat hartu beharko genuke soilik, ez handik kanpo egin dutena. Zentzu honetan ez dugu ahaztu behar munduko errekorra Nagore Roblesek daukala. Saioaren edizio guztietan, munduan egin diren bertsio guztietan, inor ez dute kaleratu entzuleen botoen portzentaje hain handiarekin. Inork ez du sekula hainbeste gorrotorik eragin GHko etxetik irten gabe. – Ados nago baina ez erabat –Fidelek ez zuen ordura arte hitz egin, baina ez bazuen orduan egiten lehertuko zen-. Egia da aurretik aipatutakoen lorpen eta ekarpenak, txalogarriak izanda ere, etxetik kanpo izan zirela batik bat. Baina, etxe barruan erakutsitako talentua soilik aintzat hartuta, inork ez du Tatiana gainditzen. Gabonzahar sonatu hura ahaztu zaizue ala? Arturorekin txortan zuzenean egin ondoren, harekin aitorlekura joan eta “nire lagun Indirahrentzat agurtxo bat” bota zuenean? Inork ez du une hori hobetu. Berriz ere ez zirudien erraza akordio batera heltzea. Baina, eztabaida aurrera zihoan heinean, euren miresmena lehiakide ezberdinentzat izan arren, euren gorroto sakonenak pertsona berberentzat zirela berretsi zuten. Berriz ere, honetan ere. Eztabaida iskanbilatsuaren erdian zeraz jabetu ziren: lehiakide gogoangarri haietako batek ere ez zuela bere edizioa irabazi. Hau gogoratzeak zera baieztatu zien: konkurtsoari, telebistari eta popari ere ekarpen esanguratsuak egin zizkieten lehiakide guztiak emakumezkoak izan arren, edizio ia guztietako irabazleak gizonezkoak ziren, gizonezko aspergarri, txepel eta ganoragabeak, bizitzari eta munduari ezer gehitzen ez dioten jende horietakoak. Zer egin zuten garaipena lortzeko Ismael Beirok, Pepe Herrerok, Iván Madrazok edo Pepe Floresek? Lotsa eman eta gutxi gehiago. Aho-batez adostu zuten: lau lagun horien aurkako gaitzespen adierazpen bat idatziko zuten eta Zeppelin ekoiztetxeari bidaliko zioten –oraindik existitzen bazen-. Idazkian, akats historiko hura zuzentzea exijituko zioten ekoiztetxeari, erdipurdiko lau irabazle haien garaipenak baliogabetuz eta konkurtsoaren ibilbidean erabakigarriak izan ziren lehiakideen oroimenean adierazpen bat eginez. Hamahiruek sinatu zuten. Batzarrak aisialdia betetzeko modu bezala erabiltzea erabaki zuten. Mundua konpontzeko bazegoen beste biderik, erabili nahi zituenarentzat. Gustura zeuden hamahiruak, halako gaiei buruz eztabaidatzeko nahikoa jakintza eta irizpide zeuzkaten beste pertsonekin batera elkarbizitzen. Eztabaidatuko zuten, elkar irainduko zuten, anfetaminaz lepo egindako kobra zaku batek baino pozoi gehiago botako zioten elkarri, baina bertan beraientzat garrantzitsu ziren gai haiei buruz eztabaidatzeko aukera izango zuten, bederen. Handik kanpo, The Hillsetik kanpo, ez zuten halako paradarik maiz aurkitzen, jende askok, jende gehienak, ez baitzion halako gaiei –pop dibak, GH- garrantzi handiegirik ematen. Batzar bakoitzarekin argiago zegoen: The Hills hillstarren etxea zen. XIX If I died tomorrow I would be a happy girl. Bihar hilko banintz neska zoriontsu bat izango nintzateke. AMY WINEHOUSE Larrialdi batengatik, anbulantzia bat eskatu behar izan zuten The Hillsetik. Birritan aste bateko epean. Ez zen inor harritzeko moduko zerbait. Adinekoen egoitza batean, anbulantziak maiztasun handiz deitu beharra estatistika kontu bat besterik ez zen, negozio kontzeptuaren beraren zati bat. The Hillseko egoiliarrak euren maila fisiko onenean ez zeuden pertsonak izanik, osasun arazoak zeuzkatenak gehienak, gaitasun motorrak murriztuta batzuek, kognitiboak beste batzuek, larrialdiak egoitzan ugariak izan zitezkeela aurreikus zitekeen, bai gaixotasunengatik bai ezbeharrengatik. Halaxe espero zen. Gertakizun horiek aurreikusita, araudiak alde batetik eta zuhurtziak bestetik eskatzen zituzten segurtasun neurri guztiak ezarri ziren The Hillsen. Desfibriladore bat zegoen egoitzan, bihotzeko baten nahigabeko kasurako; kontratatutako langileak tituludun eta eskarmentudun erizain laguntzaileak ziren; eta, noski, etxerako mediku artatze zerbitzu bat kontratatu zuten ere, egoiliarretako bakoitzak bere aldetik izan zezakeenaz gain. Baina ordura arte ez zuten garrantzizko ezbeharrik izan. Dylan bere logelako leihotik behera erori zen arte –egoitzako lehen pisutik, berez bigarren solairu bat zena-. Zorionez –ez gehiegizkoaz- Igor, lorezaina, soropila mozten ari zen eta Dylan hark pilatutako meta baten gainean erori zen, kolpea bigundu ziona. Bizirik eta muineko lesio sendaezinik gabe atera zen. Zentimetro gutxi batzuengatik ez zen burdinazko eskuare baten gainean edo inausteko guraize batzuen gainean erori. Horrek ezbeharrari gaineratuko zion odol isurketan hobeto ez pentsatzea. Handik bost egunetara soilik, Noelek, gimnasioko monitoreak, Jairo saunako zoruan botata aurkitu zuen, konorterik gabe eta ia deshidratatuta. Zorabiatu bide zen –tentsioa amildu zitzaion? Fisikoki akituta zegoen? Lasaigarriren bat hartu omen zuen?- eta Noelek garaiz aurkitu ez balu, harenak egin zuen; lurrunean poliki-poliki kozinatuta hilko zen, hark hainbeste gorrotatzen zituen elikagai osasuntsuak bezala. Ospitalean zegoen Dylan, politraumatismo eta kontusio anitzekin. Igeltsuz eta hesgailuz estalita, ubelduta. Txiki-txiki eginda baina arriskuz kanpo. Jairo ere ospitale berean zegoen baina, hidratatu ondoren, arinago sendatuko zen eta laster The Hillsera itzultzeko prest egongo zen, medikuek analitiketan aurkitu zizkioten hainbat desoreka aintzat ez bazituzten hartzen. Fidel eta Paul haiei biei bisitatzera joan zitzaizkien. Izan ere, Jairo bisitatzea zen euren asmoa, hura baitzen euren adiskidea, eta lagunduta senti zedila nahi zuten, aldi batez behintzat, ospitale bat bezain desatsegina zen ingurune batean. Baina Dylan ospitale berean egonik, heziketa gutxiko eta gustu txarrekoa iruditu zitzaien agurtzera behintzat ez pasatzea haren gelatik. Dylan ez zen oso maitagarria baina ez zen tipo txarra, eta euren bizikidea zen azken finean. Bestalde –eta hau ez zuten sekula aitortuko, ezta elkarri ere-, heziketak ezartzen dituen eginbeharrak betetzeaz gain, Fidelek eta Paulek gertatutakoaren bertsioa entzun nahi zuten kaltetutakoen ahoetatik. The Hillseko langileek, berez, drama eta esajeraziorako joera zeukaten, eta zer esanik ez egoiliarrek. Honen ondorioz, Igor lorezainaren eta Noelen hasierako bertsioek, berez nahiko handizkatuak eta eldarniozkoak ematen zutenak, bertsio ezberdinen kate bat eragin zuten gainerako langile eta egoiliarren eskutik, bakoitza aurrekoa baino burugabeagoa eta zoroagoa. Dylanen istripuaren kausa, aukeratutako bertsioaren arabera, zoritxarreko ezbehar bat izan zitekeen edo buruaz beste egiteko saio trakets eta frustratu bat. Jairoren zorabioa, bere aldetik, tentsio jaitsiera baten ondorio izan zitekeen, edo “idatzi-hemen-nahiago-duzun-droga”-ren dosiaren kalkulu oker baten ondorio. Eta guzti hau The Hillseko lau hormetatik irten gabe. Paul eta Fidel, horrenbestez, lehenengo Dylanen gelatik igarotzea erabaki zuten, agurtzeko eta konplitzeko –eta behar bezala itauntzeko ere, jakina-. Iraganean sare publikokoa izandako ospitale bat zenez hura, gelak bikoitzak ziren. Dylanen gela laguna, Fidel eta Paulek jakingo zutenez, hogeita hamabost urteko nerabe bat zen, gurpil gabeko monopatin baten prototipoa probatzen istripu bat izan zuena. Gaixoa –nolabait deitzearren- eraikin publiko bateko granitozko eskaileretatik bueltaka erori zen, maila bakoitzeko ertz zorrotzaren aurka joz eta azkenekoan hortzekin gelditu arte. Gelakide honekin ezin zuen solasean gehiegirik egin Dylanek, matraila igeltsatuta baitzeukan, baina horretarako bere lagun marizorria ere bazegoen gelan –Fidelek haren izena ez zekiela jabetu zen-. – Zer moduz, Dylan? –Paulen agurra.- Espero nuena baino hobeto ikusten zaitut. – Penagarri dago –erantzun zuen lagunak-, ez iezaiozu gezurrik esan. Badauka adinik egia jakiteko. – Ez zaitez puta izan –esan zion Dylanek-. Gaixo gizajo bat naizela suposatzen da eta zu ni zaintzera eta kontsolatzera etorri zarela, ez lurperatzera. – Erizainaren deskuidu batean, ematen dizkizuten analgesikoetako bat eskuratzeko etorri naiz ni –lagunak ez zion erraz jarriko-. Proba behar dituzue –Fidel eta Pauli-, on onak dira. Ez duzue erraz ezer antzekorik aurkituko. Nik diotsuet, eta gaiari buruz zerbait badakit. – Hobetuz zoazela baieztatu nahi genuen –Fidel, ikasita zekarren papera antzezten-, egoitzan zure falta igartzen delako, eta zerbait behar duzun galdetzera ere. –Gehiegizkoa ote zen hura? Galdera erretorikoa zela ulertuko zuen ala zerbait eskatuko zien?- – Eskertzen dizuet –Dylanek-. Aldi batez hemendik mugitzeko aukerarik ez dudala izango badakit. Lagunduko nindukeen gauza bakarra sugegorri hau aldamenetik kentzea eta nonbait giltzaperatzea litzateke. – Zer egingo zenuke zuk ni gabe. Ospitalean gordeta zegoen gaixo bat laguntzen egon arren, Dylanen laguna frantziar enbaxadako koktel batera joateko bezala jantzita, orraztuta eta makillatuta zihoan. Egia esan, Fidelek ikusi zuen aldi guztietan itxura txukun eta dotore hura zeukan. – Dylan, benetan zer gertatu zen galde diezazukegu? –Pauli ez zitzaizkion itzulinguruak eta antzezpenak gustatzen.- Gogorra edo mingarria gertatzen bazaizu, barka. Ulertuko genuke hartaz mintzatu nahi ez bazenu. – Mingarria? Mingarria kolpea izan zen! –Dylanen berehalako erantzuna.- Gertatu zena kontatuko dizuet, baina ohartzen zaituztet hitz lauz jarrita ez dela drama handirik. Bazkalostean gelara igo nintzen siesta botatzen. Leihoa zabalik utzia nuen gela aireztatzeko eta, ixtera hurbildu nintzenean, lorezaina praka laburretan eta elastikorik gabe soropila mozten zebilela ikusi nuen. Ikuskizunaren xehetasunik ez galtzeko burua atera nuen eta zorabio edo bertigo antzeko bat eman zidan. Eta badakizue, kokolo bat bezala leihotik behera erori nintzen. – Hondakin bat eginda ez bazeunde, merezi duzula esango nizuke, agure gordin hori! –Lagun errukitsuak.- Eta mozkortia gainera. Hura mozkorra zurea, Massiel bezala leihotik behera erortzeko! – Mozkor zeunden? –Fidelek jada ez zuen bere jakin-mina disimulatzen.- – Normala –erantzun zuen Dylanek, hura bezalako galdera batentzako erantzun onargarria zela pentsatuz-. Alain eta Elenekin bazkaldu nuen. Egoitzatik bisitan igaro ziren eta The Hillseko zerbitzuaz zer iritzi neukan eta zer nolako hobekuntzak iradokitzen nizkien galdetu zidaten. Ardo botila bat baino gehiago hartu genuela esango nuke, eta likoreren bat digestiorako, egoitzan ohikoa denez. – Laburbilduz, zorri bat bezala zihoala. Ohikoa denez –lagunak, gupida gabe-. Jairo ez zegoen bakarrik ezta. Fidel eta Paul haren gelan sartu zirenean, gela hartan jende sobera zegoela antzeman zuten, eta soberako jendea beraiek zirela. Mingaina haginekin moztuko zuketen Marx anaien zorioneko kamarotea aipatu baino lehen, baina hura izan zen burura etorri zitzaien irudia. Jairoren ezinbesteko gelakidea agure bat zen, atso-agureak errespetatu eta gaixoak taldeka -trumilka- bisitatzea ezaugarritzat zeukan kultura bateko agure bat hain zuzen ere. Jendetza izugarria zegoen bilduta agurearen ohearen inguruan, atetik hurbilen zegoena, eta horrek klaustrofobia sentsazioa eragiten zuen gelan sartzean. Jairo gelaren atzealdeko ohean zegoen, jendetzatik gortina batez banandua eta leihotik gertu, itolarri sentsazioa baretzen laguntzen zuena. Jairoren ohearen parean Dragan zegoen, Draganen gorpuzkera izugarria, minerala. Honek heldu berriei zuzendu zien agurra adiskidetsua izan behar bazuen ere, Fideli hotzikara batek zeharkatu zion bizkarrezurra. Ezin zuen ekidin, Draganek eragiten zion erantzun erreptilianoa zen. – Zer egiten duzue hemen? –Jairoren agur modukoa.- Ez didazue esango zer egin hobeagorik ez zeneukatela, nola sendatzen naizen ikustera etortzea baino. – Ondo hengoela berretsi nahi genian –Fidel, diplomatiko, beti bezala, baina zintzo oraingoan-, eta zerbait behar ote huen galdetzera, aldagarriren bat, garbiketarako zerbait, auskalo zer. – Lasai, oso ondo tratatzen naitek –Jairo, baikor beti-. Antzinako osasungintza publikoaz esaten duten guztia gaizki hezitako aberaskumeen gezurrak dituk. Nirekin behintzat hartu beharko lituzketen neurriak baino askoz gehiago hartzen ari dituk. Nire ustean Gatorade apur bat hartuta etxerako bidean jarri beharko ninditean, baina ez, aztertzen, arakatzen tematu dituk, akats txikienak ere konpontzen, nahiz eta inork ez dien eskatu. – Auto zahar bat tailerrera olioa aldatzera daramazunean bezala, suposatzen diat –esan zuen Paulek-, beti aurkitzen diotela konpontzeko zerbait. – Ez dakit zertan tematzen diren -jarraitu zuen Jairok-. Behin adin batera helduta, beti egongo duk hondatu den piezaren bat, ibiltzeari utzi dion atalen bat. Begira hemengo alboko jauna. Mila urte inguru izan behar ditik. Ez zagok gaixorik. Denboraz zagok gaixo. Eta berak badakiela duk txarrena. Noizbait komentatu zidak, bakarrik eta baketan uzten duten aldi eskasetan. Baina mundu guztia, bere sendi izugarria eta sistema orokorrean, konponbiderik ez daukan zerbait konpontzen tematzen dituk. Denbora. – Ados, Jairo –Fidelek berera-, baina hiri gertatu zitzaiana ez zen saihetsezina, denboraren joana bezala. Ardura pixka bat gehiago baheuka izualdi hauek aurreztuko gintizkek, guztiok. – Zure ilobak bezala mintzatu haiz –Jairok, erraldoi-. Lotsatuta gorritu zen Fidel eta Paul barreka lehertu zen. – Ondo egiten duk errieta egiten –Draganek estreinako aldiz hitz egin zuen-. Arduraz ibili behar duela errepikatzen zioat nik eta ez zidak jaramonik egiten. – Barkatu, ez nian errieta egin nahi, eta halaxe eman dik. Egoitzan inork ez zakik oso ondo zer gertatu zitzaian, eta funtsik gabeko ondorioak ateratzen ditiagu agian. – Loak hartu ninduela. Hori da gertatu zena. Arduragabea izan nintzela saunan bakarrik eta lorik egin gabe sartzerakoan? Beharbada bai, baina aurretik ez zitzaidaan antzekorik inoiz gertatu. Egunsentian iritsi ninduan The Hillsera, hainbeste alditan bezala, ongi dakik; sukaldean gosaldu nian Alain eta Elenekin; ikusketan ari zituan eta ideiak eta iradokizunak eskatu zizkidatean; eta gosaldu ostean, ohi bezala, saunara sartu nindian erlaxatuta oheratzeko. Eta loak hartu bide nindian. Arduragabekeria bat. Ez zitzaidaan inoiz gertatu. – Kontakizun horri xehetasunak falta zaizkiok –Draganek, ama baten papera egiten, haren itxura titaniko eta beldurgarriarekin bat ez zetorren papera-: Zer hartu huen gau hartan? Zenbat ordu ziren lorik egin ez huela? Arduragabe bat haiz eta atsekabe izugarria emango diguk egunen batean. Fidel eta Paulek ospitalea utzi zutenean ezinegon sentsazio arrotz bat zeramaten aldean. Ez zuten elkarrekin komentatu, baina biek zerabilten buruan bueltaka. Dylanen eta Jairoren kontakizunetan zerbait aztoragarri zegoen. Agure gordin erdi mozkor bat eta hirurogeita hamar urteko nerabe parrandazale bat. Arrunta zirudien. Zerk eragiten zien ezinegona? XX So, where´s the Cannes Festival being hold this year? Hortaz, non ospatuko da aurten Cannesko Festibala? CHRISTINA AGUILERA The Hills egoitzaren inguruko etxe-orratzek, eguzkia estaltzen ziotenek, funtzio bat izan behar zuten istorioan. Halabeharrez. Etxe-orratz haien inguruko espaloietatik zebilen norbaitek gora begiratuko balu, haietako batean, solairu altuenetako leiho batetik gorputz bat buruz behera zintzilik ikusiko luke. Eta, jakin-minak kinatuta, gehiago hurbilduko balitz edo prismatiko batzuekin behatuko balu, buruz behera zintzilik zegoen sanpedro hura Alain zela baieztatuko luke, The Hillsen jabea. Baina inork ez zuen gora begiratzen, ez espaloitik zebiltzan oinezkoek, ezta auto barruan zihoazen gidariek ere. Inor ez zen jabetzen bere buruaren gainetik, hamabost pisuko altueran, gorputz bat zintzilik zegoela, balantza arriskutsuak egiten. Oihuka ari zen Alain, garrasika; beldurrezko deiadarrak botatzen zituen erruki eske. Baina hauek entzun ahal izateko hurbildu beharra zegoen, bestela ez ziren inoren belarrietara iritsiko. Urrundik, kaletik, hamabost pisuko distantziara, inork ez zituen adituko Alainen erreguak, trafikoak eta hiriaren eguneroko hots zuria osatzen zuten gainerako zaratek itotzen zituztelako. Burura igo zitzaion odola Alaini -edo hobe esanda, jaitsi zitzaion, buruz behera baitzegoen-, zorabiatu egin zen eta oka egin zuen. Haizeak nahiko zabaldu zuen gonbitoa, oinezkoen buruetara eta autoen sabaietara iristerako inork arreta gehiegirik ez jartzeko moduan. Behatzaile bat hamabosgarren solairu hartaraino igoko balitz –edo hiriko airea zeharkatzen zuten drone ugarietako batek kamera piztuko balu- eta Alain zintzilik zegoen leihora hurbilduko balitz, Europa ekialdeko jatorrikoak ziruditen bi lagunek Alain belaunetatik helduta zeukatela ikusiko luke. Leihoan zehar eraikinean sartzekotan, Alainen torturatzaileak gela biluzi batean zeudela aurkituko luke balizko behatzaileak –edo droneak-, altzaririk gabekoa; abandonatutako gela bat edo inork sekula funtzio bat eman ez diona. Gelaren biluztasuna apurtzen zuen altzari bakarra zurezko aulki arrunt bat zen, gelaren erdian. Aulkian eserita Elene zegoen, eskuak eta oinak sokez lotuta eta ahoa zinta itsasgarriz estalita, oihuka egiteko gogoaz baina indarrez mutu; begiak aurpegitik irtetear, leihorantz begira, Alainen oin eta orkatilak soilik ikus zitzakeela, beldurrezko filma bateko scream queen baten espresioarekin. Gelan gure beste ezagun bat ere bazegoen: Dragan. – Argi gelditu zaizue? Agure gaixo babesgabe batzuez aprobetxatuko zinetela uste zenuten ala? Zuek bezalako erdipurdiko gaizkileak dozenaka afaltzen ditut nik egunero. Erraza izango zela uste zenuten, ezta? Egia esan, ez zen plan makala zuena. Senitartekorik ez zeukan agure talde bat bilatu behar zenuten, diru nahikoa daukatenak, jakina, ez edonolako agureak. Eta zein giza taldek betetzen ditu ezaugarri bi horiek gizonezko gayek baino hobeto? Gero, hauen konfiantza landu eta irabazi, zuek baino hobeto inork ez dituela zainduko konbentzitu… Eta apurka, testamentua ere zuen alde egitera bultzatu; gerta litekeenagatik, jakina. Eta behin hau lortu eta gero, aguretxoak hil arte itxarotea besterik ez zenuten. Dena garbi, garden, orbangabe. Planaren akats bakarra heriotzak zuek espero bezain azkar ez iristea litzateke. Eta halaxe gertatu zitzaizuen. Aguretxoak hiltzeko hain gogorrak izatea ez zenuten espero. Baina horretarako ere ziur planen bat bazeneukatela. Ziur gertaerak azkartzeko, azkarrarazteko, planen bat bazeneukatela. Suposa dezaket, ni ez nintzen atzo jaio ezta. Nork susmatuko luke adineko gizon baten bat-bateko heriotzaz. Adineko pertsonen egoitzetan egunero gertatzen dira horrelakoak. Munduan susmo gutxien piztu dezakeen gauza da hori. Batez ere zendutako adinekoak erre, edan eta bestelako botika eta sustantziak hartzen bazituen, popperetik hasita eta Viagraraino, anfetaminetatik igarota; eta are gutxiago lekuko ugarik zendutakoaren kontsumo joera hauei buruzko testigantza eman balezakete. Draganek Karpatoetako azentua oraindik gordetzen bazuen ere, tokiko hizkuntza jatorrizko lizentziatu askok baino hobeto erabiltzen ikasi zuela aitortu behar zitzaion. Denbora luzea emana zuen abokatu eta epaileekin hizketan eta hauen lexikoa eta esapideak ikasi zituen. Igartzen zitzaion. – Adinagatik edo kimikagatik ahalmenak murriztuta dauzkan agure batek ezbehar bat izango balu, adibidez, botiken dosiarekin edo konbinazioarekin errakuntza bat, estropezu egin, eskaileratan behera erori eta lepoa apurtu, edo gelako leihotik begira zorabiatu, erori eta lurraren kontra jo, nork susmatuko luke norbaitek lagundu egin ziola, bultzadatxo bat eman ziotela? Plana diseinatzean izan duzuen adimena aitortu behar zaizue. Ez duzue osasuna zaintzeaz bat ere arduratzen ez den biktima talde bat aukeratu soilik, haratago joan zarete eta osasun arazo larriak bazekarren talde bat bildu duzue. Azkarrak zer zarete gero! The Hillseko bizilagun gehienak, guztiak ez badira, GIBarekin bizi dira eta hamarkadak dira harekin bizi direla. Osasungintzako edozein profesionalak azal lezake birus honek eta urte luzetan hartutako botikek gorputzeko organoak moteldu dizkietela. Hortaz, bizilagun guztiak bata bestearen atzean hiltzen hasiko balira, inork ez luke ezer susmatuko, ez legoke ikerketarik. Are gehiago, zendutakoak ezagutzen zituzten medikuek, heriotzen kausak zeintzuk ziren aurretik suposatuko lituzkete, eta denbora galdu barik eta ikerketarik gabe txostenak beteko lituzkete. Horrela, zuen bankuko kontuak gizenduz joango lirateke, diabetesa duen haur jaioberri bat bezala. Aparteko plana! Primerakoa! Jende azkarra zer zarete zuek biok! Zoriondu behar zaituztet. Baina akats bat izan duzue, biktima aukeratzerakoan huts egin duzue. Sentitzen dut. Jairok ez dauka seme-alabarik, baina badauka bestelako senitartekorik. Sentitzen dut. Esan dizuedan bezala, zuek bezalako erdipurdiko iruzurgileak milaka topatu ditut nire bizitzan. Guztiengandik ikasi dut zerbait, baina gutxiek biziraun dute nirekin topo egin ondoren. Baina lasai, zuei aukera emango dizuet. Zuenak bezalako ekimenak eta ideiak dauzkan jendeak nire errespetua merezi baitu. Etenalditxo dramatiko bat eta guzti gaineratu zion Draganek hitzalditxoari, Alain eta Eleni negoziaezineko tratua eskaini aurretik. – Hemendik bizirik ateratzeko aukera emango dizuet, baldin eta zuen aurpegia bizitza osoan berriz ikusten ez badut. Gaur bertan (gaur, ez bihar goizean) hiri honetatik alde egiten baduzue, inori agur esan gabe eta inolako azalpenik eman gabe. Ados? “Baaiii!!!”. Alainen ahotsa urrundik, kaleko zaratekin nahastuta entzuten zen. Elenek buruarekin baietz zioen. XXI There´s a light at the end of the tunnel… hopefully it´s not a freight train. Argi bat dago tunelaren amaieran… merkantzia tren bat ez izatea espero dezagun. MARIAH CAREY Alain eta Eleneren falta ez zuen inork igarri, egoitzako langileen soldatak ordaintzeko eguna iritsi zen arte. Ordura arte The Hillsen eguneroko bizitzak bere ohiko erritmoarekin jarraitu zuen. Egoitza garbi zegoen, garbi zeuden logelak, gimnasioa eta spaa. Otorduak prest zeuden eta egoiliar bakoitzaren gustura egokituak. Bizilagunak sartu eta irten egiten ziren, bakoitzaren bizimoduari jarraiki. Telebista saioak ikusten ziren, taldeka egongelan edo bakoitzak bakarka bere logelan. Musika entzuten zen, bideo-jokoetara jolasten zen. Alkohola, tabakoa eta osasunarentzat haiek bezain kaltegarri baina legearen begietara askoz susmagarriago ziren beste sustantziak ere hartzen ziren. Noizbehinka sendagile batek etorri behar zuen, baina ustekabe larriegirik ez zen gertatu inoiz. Esan bezala, ordainsariak kobratzeko eguna heldu zen arte. – Nomina ordaindu al dizuete? The Hillseko langileek, euren jarduera eramangarriagoa bihurtzeko, une oro, etengabe, aritzen ziren solasean, harreman afektibo eta sexu harremanei buruz, modaz, kontsumoz, politikaz; eta solas horietako baten erdian bota zuen galdera Erikek. – Hasieratik, hilaren azken-aurreko egunean sartu didate beti, baina oraingoan hilak hiru ditu dagoeneko eta joan den hilekoa ez zait heldu –jarraitu zuen Erikek-. – Ezta niri ere –gaineratu zuen Noelek, gimnasioko monitoreak, egoitzako langileen artean lan gutxien egiten zuenak, urrundik-. Alain datorrenean esan beharko diogu, hemen ez gaude doan lan egiteko-eta. – Ez da susmo txarrik piztearren, baina normalean ordu honetarako hemen egon ohi dira bai Alain eta bai Elene ere. Ez ote dira ibiliko arazoren bat ezkutatzen? – Orain diozula, atzo ez nituen egun osoan hemendik ikusi. Eta, ondo pentsatuta, ezta herenegun ere. … Kafe edo beste edariren baten bila sartzen ziren langileak sukaldean eta, sukaldetik alde egin baino lehen, abian zegoen solasari euren ekarpena egiten zioten. Horrela, ordurako lau ordu zeramatzan sukalde hartan etengabeko solasaldiak, baina une hartan bat-batean isilik geratu ziren guztiak. Lehen aldiz lau ordutan. – Atzo edota herenegun norbaitek ikusi al zituen hemendik? –Galdetu zuen Alexek.- – Noiz izan zen Alain edo Elene hemendik ikusi zenituzten azkeneko aldia? –Gaineratu zuen Lukasek.- … Beste isilaldi bat. Haietako batek ere ekarpenik egin ezin zion gai bat aurkitu zuten azkenean; burmuina zuritan uzteko haiku baten antzeko zerbait. Azken bi asteetan inork ez zituela ikusi ohartu ziren beharginak. Telefonoz deitu ere ez zuten egin. Non ote zeuden? Sakelakoetara deitu zieten. Erantzunik ez. Etxeko atera ere deitu zieten. Inork ez zuen zabaldu. Eraikineko atezainak, hetero ikusnahi izatearen edo izandakoaren itxura zeukan adineko gizon batek –hots, emakume batekin ezkondutako ezkutuko gay bat, noizbehinka saio homosexualak dauzkana-, hain itxura oneko mutil gazteekin solasean aritzeaz poz-pozik zegoenak, maletak eskuan hartuta presaka alde egiten ikusi zituela esan zien. Ez zioten gehiegi galdetu behar izan, gizonak bikote ekintzaileari buruz hitz egiteko gogoa soberan baitzeukan –deformazio profesionalak eta gazte haien laguntza luzatzeko nahiak eskatzen ziotena baino gehiago-. Motu proprio kontatu zien Alaineleneri ez ziela ezer galdetu, ez nora zihoazen ezta noiz itzuliko ziren ere, azalpenak ematen zuen jendea ez zirelako. Eta iritzirik eskatu ez bazioten ere, egia esateko, haiek biak nahiago zituela urrun, inguruan baino, esan zien. Agian Alainek eta Elenek ezkutuko aurpegi bat zeukaten, The Hillsen erakusten zuten ekintzaile-filantropoarenatik edo liberal-solidarioarenatik oso ezberdina. Edo agian, besterik gabe, ez zioten atezainari saririk ematen zaborra jaisteagatik. The Hillseko langileen taldeak salaketa jarri zuen komisarian. Berehala. Txantxarik ez, alokairua, kreditu txartela eta bizitza eramangarriagoa egiteko guraritxoren bat ordaindu behar zirenean. Langileen nominak ordaintzen eta egoiliarren hileroko kuotak kobratzen zituen bankuak, poliziak bidali zion informazio eskaerari argi erantzun zion: The Hills egoitza ustiatzen zuen sozietatearen kontuak hutsik zeuden. Poliziaren ikerketak ez zuen askoz gehiago argitu. Inork ez zekien ezer, ez bikotearen bizilagunek, ez bikote ekintzailearen ibilbideaz seguru egon eta egoitzaren proiektua aurkeztu zuten kargu publikoek, ezta, jakina, langileek ere ez. Alain eta Eleneren aztarnarik ez zegoen. – Hara lotsagabe parea! –Alex, sutsuki haserre.- Banioen nik haien kaiku aurpegia ezin zela benetakoa izan. Hobe dute haiekin topo egiten ez badut, kristoren jipoia jasoko lukete-eta. – Kaiku aurpegia, gurea –gaineratu zuen Erikek, gertatutakoaz sinesgaitz oraindik-. Sartu diguten ziria! – Argi dago hemen ezin gaitezkeela geratu –esan zuen Noelek-. Ez dakit zuek, baina nik ezin dut hona egunero denbora galtzen etorri, kobratuko ez dudala jakinik. Beste lan bat bilatzen hasi behar dut, ordaintzen duten bat. – Egoera berdinean gaude guztiok –Lukasek-, baina ezer baino lehen egoiliarrei kontatu behar diegu gertatutakoa. Ez litzateke onargarria guk alde egitea eta haiek ezertaz ez jabetzea, hozkailua eta despentsa hutsik daudela ikusi arte, zikinkeria belaunetaraino iristen zaienean. Beraiei ere ziria sartu dietela jakin behar dute, eta euren etxeetara itzuli behar dutela edo beste bizilekuren bat bilatu. Egongelan bildu zituzten egoiliarrak, sendabidean zeudenak ere, eta zuhurtziaz baina itzulingururik gabe gertatu zena kontatu zieten: Alain eta Elene aztarnarik utzi gabe desagertu egin ziren, haiekin diru guztia eramanez –The Hillseko kontuetan egon zitekeen guztia-. Ez zegoen egoitzarekin aurrera jarraitzeko aukerarik. Iruzur baten biktimak izan ziren guztiak, bai bezeroak, bai langileak ere. Langileek alde egin beharko zuten, beste bizibide baten bila, eta, ondorioz, bezeroek ere beste bizilekuren bat bilatu beharko zuten. Haien erreakzioak ez zuen langileenarekin inolako zerikusirik izan. – Ohartu ere ez naiz egin diozuenaz –esan zuen Borjak-. Baina, ongi pentsatuz, badirela asteak hemendik ez ditugula ikusten, esango nuke. – Ez da harritzekoa haien faltarik ez sentitzea –Iagok-, hemendik agertzen ziren bakoitzean txotxolokeriak besterik ez baitzituzten esaten. Normala zen jaramonik ere ez egitea. Egoiliarrak, bezeroak, harritu egin ziren hasiera batean, haiek ere ez zirelako Alain eta Eleneren desagerpenaz jabetu, baina langileek espero zutena baino askoz gutxiago larritu ziren. – Ez jarri horrelako aurpegirik –esan zien Eloik langile harrituei-, arrainontziko kolorezko arrainak hil zaizkizuela ematen du-eta. Hau bada bizitzan gertatu zaizuen gauzarik txarrena, ikusiko duzue geratzen zaizuen soldaduskan. – Eloi, ez itzazu gehiago nahastu, nahiko atsekabetuta daude jada-eta –Manuk-. Zuk eta biok soldaduska egin ez bagenuen, gixajo hauek ez dute zertaz ari zaren ulertuko ezta. – Nik egin nuen –Wallacek-. – Mundua ez dela amaitu esan nahi nuen –jarraitu zuen Eloik-. Zer gertatu da? Nomina ez duzuela kobratu? Horren inguruan zerbait egin genezake. Azken ordainagiriak itzul ditzakegu guk, ea horrekin nominak ordaindu ahal dizkizuegun. – Eta ea horrela hemen atxikitzen bazaituztegu, orain arte bezain ondo gu zaintzen jarrai dezazuen –gehitu zuen Dylanek bere modu limurtzaile automatikoan-. – Orain dela gutxira arte, kapitalismoa orain bezain zabaldua egon arren oraindik zalantzak behintzat eragiten zituen garaian –Teo azalpen pixka bat didaktiko eta paternalistekin hasi zitzaien langile gazteei-, honen antzeko kasuetarako, enpresari kaudimengabe eta lotsagabeen kasuetarako, nominak ordainduko lituzkeen funts bat zegoen. Baina bukatu zen hura. Funtsak hondoa jo zuen. Oihanaren legea da egungoa. – Teo, lasai, nahasten zara eta nahasten dituzu –Iagok hobeto ezagutzen zuen belaunaldi hura eskola garaitik, eta haien ulermen maila noraino iris zitekeen bazekien-. Esan nahi dizueguna –bere ikasle ohiei- zuei ordaintzen jarraitzeko moldatu gaitezkeela gu. Baina lasaitasun handiagoa emango dizuen beste lanen bat bilatu nahi baduzue, ulertuko dugu. – Baina argi gera dadila ez dugula inor joatea nahi! –Argi zegoen Dylanek langileetako bat gustuko zuela, edo guztiak, edo agian ezin zuen jasan inoren arbuioa, zerbitzari batena ere ez-. – Gainera, beste bizilekuren bat bilatu beharko dugula iragartzen diguzuenean –Fidelek-, eskertzekoa da oharra, baina nik behintzat ez dut ongi ulertzen. Etxearen jabeak Alain eta Elene baziren, eta hauek desagertu badira, nork botako gaitu kalera? Zertan hainbesterako presa? – Gugatik lasai egon zaitezkete. Badakigu burua zaintzen –Paulek-. Nik behintzat ez daukat inora joateko asmorik. The Hillsen oso gustura nago. Berrespen zurrumurru bat entzun zen. – Beste mudantza bat, beste egoitza bat, bizilagun berriak? Iktus batek jotzea nahi duzue ala? Ni ez naiz hemendik mugitzen –Manuk-. – The Hillsera etorri ginenean, geratzen zitzaigun bizitza guztirako gure bizilekua izan zitekeela uste genuen –Eloik oso ondo laburbiltzen zituen iritzi orokorrak-. Sakonki hausnartutako erabaki garrantzitsu bat izan zen. Eta uste dut bakarrik ez nagoela hura mantentze aldera borrokatzeko prest nagoela diodanean, nahiz eta bidean zailtasunen bat aurkitu. Gainera oraingo hau ez da konponbiderik ez daukan ezer. – Ez zaitez izugarrikerietan hasi, hori ez baita zure estiloa eta gainera ez da beharrezkoa –Borjak Eloiri-. Uste dut gutako batek ere ez duela hemendik alde egiteko asmorik. Non egongo ginateke hemen baino hobeto? Non aurkituko genuke hemen lortu dugun bizikidetzaren pareko bat? Zintzoak izanik, hemengo gutako bakoitzak ez dauka zerikusirik albokoarekin eta, kasu askotan, The Hillsetik kanpo ez genuke elkar jasango. Agurrik ere ez genuke gurutzatuko. Baina hemen inor ez da saiatu bere gustuak, bere iritziak, bere ohiturak edo morala inposatzen, eta inork ez du albokoen zentsura edo epaien beldurrik sentitu. Eta hori gaur egun ez da aurkitzen erraza. Ondo dakigu. – Nor diozu hasi dela izugarrikerietan? –Eloik, arrazoi guztiz.- – Barkatu, mea culpa –erantzun zuen Borjak-. Hizkuntza bera mintzatzen duten pertsona talde bat bildu garela hemen esan nahi nuen, bizilagunak dioena ulertzen duguna, nahiz eta erabat desados egon. Asko da hori. Noiz gertatu zitzaizuen azkeneko aldiz, Tatiana Moleshkina solas batean aipatu eta mundu guztiak nortaz ari zinen bazekiela? – Argi dago ados gaudela den-denok –Paulek-. Ez dut nire burua erregai fosilen kontsumoa aurrezteko metodoak eztabaidatzen diren egoitza batean ikusten. – Gogora datorkidan guztia esan eta egin dezakedan etxe batean bizitzen jarraitu nahi dut –Manuk-, inoren hipersentsibilitatea zauritzeko beldurrik gabe edo antzina gainditutako gatazkarik berpiztu gabe. Kylie eta Madonna alderatzea tabu bakartzat daukan etxe batean bizi nahi dut. – Eta gainera horretarako eragozpenik ez dago –Teok-, inork ez gaituelako kaleratuko. – Guk ordaintzen jarraitu dugu, ezta? Inork ez dio ordaintzeari utzi eta ordaintzen jarraitzeko gai gara –Jairo, bere mundu paraleloan bizi arren, praktikoa zen, pragmatikoa-. Langileei zuzenean ordaintzea da konponbidea, bankuari ordaindu ordez. – Erraza da –Eloiren ekarpena-. Gu guztion izenean kontu bat zabalduko dugu bankuan eta hartatik egingo ditugu ordainketak zuzenean. The Hillsetik botatzen ez gaituzten bitartean, eta ez dirudi horrelakorik gertatuko denik, egoitzaren jabe bezala joka dezakegu. Zintzotasunez, guztiok ikusten genuen Alainek eta Elenek ez zutela gauza handirik egiten, behin egoitza antolatuta eta abian jarrita. – Horixe! Kooperatiba bat sor dezagun –bota zuen Abelek, paradaren zain egon balitz bezala-. Brunok eta biok aukera hori geneukan buruan gure erretiroa planifikatzen ibili ginenean, baina ez genuen nahikoa jenderik aurkitu, edo, hobe esanda, ez genuen jende egokia aurkitu. Orain badaukagu aukera. – Kooperatiba bat? –Jairok berriro, beldur eta nazka espresioarekin.- Zer da hori? Hitz hippy bat ematen du. Ez zarete intsentsua erretzen hasiko, ezta? – Lasai, Jairo –Teo, bakegile eta suspertzaile-. Ideia handia da Abelena. Zuk proposatu duzunari egitura bat ematea baino besterik ez da. Hain gustuko dugun gure bizimodu hau mantentzen jarraituko dugu, baina bikotetxoaren bitartekaritzarik gabe. Langileek euren kontratua izango dute eta Gizarte Segurantzari kotizatuko diote. Eta ogasunak ere baketan utziko gaitu. Ez kezkatu, ni arduratuko nahiz paperez. Ez da adituarena egiteagatik, baina aditua naiz. Apur bat. Tira, apur bat baino gehiago. Sozietate kooperatiboen ehunka eskriturak idatzi ditut. – Ez dut nekazaritza organikoko ortu batean lan egin beharko edo antzeko zerbait? –Jairo, susmo txarrez.- – Jairo, mesedez, ez izan potrozorri –Fidelek-. Primeran ulertu duzula badakigu, ez adarrik jo. Ongi dakizu hemengo edonork eskuak haginkadaka moztuko zituela boleadorekin jolastu baino lehen. Zuetaz dakidanagatik, uste dut ados gaudela The Hills mantentzeko aukera honetan. Zergatik ez dugu bozkatzen gure batzarretako batean bezala? X-Factoretik irtendako artista hoberena nor den ez genuen adostu, baina hau uste dut lortu dezakegula. Aho-batez The Hills kooperatiba bat bihurtu zen, ezertan aldatu gabe. XXII If that´s all there is, my friends, then let´s keep dancing. Hori bada dagoen guztia, lagunok, segi gaitezen dantzan. PEGGY LEE Horretan, laster The Hills egoitzaren lehen urteurrena heldu zen. Iritsi, maletak desegin, elkar apur bat ezagutu, jabe gogaikarriez libratu eta etxeko agintea hartu zutenerako, urte oso bat joan zitzaien hillstarrei. Ez zien inork denboraren erlatibitatea azaldu behar; nola, zahartzen zoazen neurrian, urteek gutxiago irauten duten, bizitzaren zati gero eta txikiagoa direlako. Larrutan nozitzen ari ziren erlatibitate hori. Denboraren bizkortzea, existentziaren ortzi-mugaren gerturatzea, norberaren hutsalkeriaren kontzientziaren handitzea, malenkonia, depresioa. Bai zera! Lehen urteurrena. Urtebetetzea. Festa! Aitzakia ezin hobea jabe berriek, egoiliarrek, egundoko ospakizuna prestatzeko. Ez zuten batzarrik antolatu behar izan, ezta ezer bozkatu ere. Nahikoa izan zen haietako batek The Hillsen sartu zirela urte bat betetzear zegoela aipatzea, eta beste batek “ospatu beharko dugu” erantzutea, berehala etxeko hormek beraiek “jaia, jakina” eta “denborarik galdu gabe” erantzuteko. Euren gustuko jai bat antolatuko zuten, aspaldian zapaltzen ez zuten horietako bat, baina oroimenean argi gordetzen zituztenetarikoa. Eta erraz zeukaten, euren bizimodu eta gustuen inguruko iritzi erratu bat zeukan kudeatzailerik ez baitzegoen jada egoitzan. Alainek eta Elenek -non egongo ote ziren haiek biak!- antolatu balute jaia, adineko gay baten gustuetara egokitzen saiatuko ziratekeen, edo, hobe esanda, adineko gay baten gustuei buruz haiek biek zeukaten ideia xelebreari. Bikotetxo bitxi hark okasiorako antolatuko zukeena irudikatzean, lotsa, irria eta hozkamina sentitzen zuten hillstarrek aldi berean. Ferrero Rocher txokolateen iragarkietan agertzen den jaien antzeko bat zetorkien burura, urreizun, konplexu eta pinguinoz mozorrotutako zerbitzariez beteriko jai bat. Festaren aurreko egunetan, Alainek eta Elenek antolatutako balizko jaia nolakoa zatekeen asmatzea, modako denbora-pasa bihurtu zen The Hillsen. – Nor uste duzu kontratatuko zutela Alainelenek gonbidatutako artista bezala? –Fidelek Joeli galdetzen zion, gimnasioan pedalei eragiten zioten bitartean.- – Antzinako diva zaharkituren bat. Edo hobe, antzina jada zaharkitua zegoen baten bat –Joelek-. Ainhoa Arteta ekarriko zuketen, ziur! – Hori beldurra… eta asperkeria. Dena dela, ondo pentsatuta, Ainhoa Artetak aspaldian, Ferrero Rocher jai horietako batean, beste diva zaharkitu batekin izan zuen iskanbila errepikatzen bazuen, aukera ezin hobea izango zela onartu beharra dago. – Bera bezalako beste diva ilehori penagarri batekin elkarri metxetatik tiraka egin ziotenean? Hala balitz, bai, hauturik onena izango zen, bai jaiari giroa emateko, bai gure gustuetara latexezko eskularru bat bezala egokituko litzatekeelako. Baina jada ez zuten Alain eta Eleneren aurreiritziez lausotutako gainbegiradaz arduratu behar. Bai dekorazioa, bai cateringa, bai musika eta baita gonbidatuak ere, haiek nahi zituztenak eta euren gustukoak izango ziren esklusiboki. Ardurak erraz banatu zituzten ere, haietako bakoitzak, iraganeko bizitzan izandako lanbideengatik, funtzio horietako batean edo bestean eskarmentua baitzeukan, eta hornitzaile egokienekin harremanak mantentzen zituzten oraindik. Antolakuntzako alderdi zail edo delikatuenetariko bat izan zitekeena, gonbidatutako artistena, ezkonduen eskuetan utzi zuten. Eta emaitza ikaragarriak lortu zituzten Abelek eta Brunok. Euren adinen inguruko edozein gizon gayren gozamen edota inbidia izango litzatekeen baieztapen zerrenda bat lortu zuten. “Gonbidatua”, hitz egiteko era bat zen, artista bakoitzak bere cachea kobratuko baitzuen, baina haietako baten batek kobratuko zuena ikusita, gonbidapen edo opari hitzak ez zeuden errealitatetik oso urrun. Baieztapen zerrenda da hura, telebista saio askok beraientzat nahiko luketena –eta ez soilik oroiminez elikatzen diren horiek- eta baita makrokontzertu eta festibal batzuek ere, ez zen lan zaila izan Abel eta Brunorentzat. Urte luzetan telebista ekoiztetxetan lan egindakoak ziren eta hillstarren gustuko ziren artista ugarirekin harremanak izandakoak ziren. Profesional petoak izanik, haien telefono zenbakiak eta posta kontuak gordetzen zituzten, ez haien ordezkarienak bakarrik, pertsonalak ere. The Hillseko hormen artean ikonotzat zeuzkaten artista asko, Abelek edo Brunok ekoitzitako saioetan eman ziren ezagutzera. Haien jaiotza artistikoaren momentutik ezagutzen zituzten senarrek eta, are gehiago, haietako baten baino gehiagoren kasuan, arrakastarako bulkada erabakigarria Bruno edo Abelen eskutik etorri zen. Artista haiek bazekiten hori. Eta ez zuten ahaztu. Guztiak ez ziren esker txarrekoak. Hori, bere garaian “aurkitutako” talentuak izandako artistei zegokienez. Baina Abel eta Bruno bestelako telesaioetan ere lan egin zuten: iraganeko izar dekadenteentzat azken erakusleihoa zirenak, publikoak ahaztutako eta cache barregarridun artisten azken edo azken-aurreko aukera. Iraganeko une urrun eta lainotsu batean arrakastadun izarrak izandako artista haiek, haien etxetik edo egoitzatik ateratzen zituzten Brunok edota Abelek, txukundu eta telebistara zeramatzaten, batzuetan bost hamarkadetako antzinatasuna zeukaten zuri-beltzezko irudiak aurkezteko baino besterik ez, zeinetan gazte, distiratsu eta talentuz lepo agertzen ziren. Artista hauek, oraindik bizirauten zutenak, esker onekoak ziren ere, eta senar bikotearen gonbidapenari baiezkoa eman zioten. Nor arduratuko zen dekorazioaz? Estatistika hutsagatik, hamahiru gizon gayren talde batean, barne dekorazioan lan egiten duen bat baino gehiago egon behar da, eta, hortaz, gay erretiratuen talde batean, ogibide –edo arte- honetan lan egindako bat baino gehiago egon beharra dago. The Hills salbuespena izan behar zen, hillstarren artean ez baitzegoen zehazki dekoratzaile izandakorik. Hala ere, Borjari denbora falta izan zitzaion ospakizunerako eraikina apaintzeko ardura bere gain hartzeko. Bera, hiriko azken hamarkadetako ekitaldi esanguratsu guztiak antolatu zituena, nor bestela? Baina Dylanek, bere aldetik, ardura bera nahi zuen, eta ez zion erraz jarri. “Ni moda diseinatzaile naiz, ez barnealdetakoa, baina, hasteko, zu ezta ere ez zara, eta, bukatzeko, nire desfileetako dekorazioa diseinu eskoletan oraindik ikasi eta iruzkintzen da.” Lan taldea osatu zuten. Irrikan zeuden biak. Euren lan ibilbideetan erabili zituzten estiloak eta egin zituzten lanak ezagututa, bien artean eztabaidak eta gatazkak sortzeko posibilitate handiak aurreikus zitezkeen, baina primeran konpondu ziren eta dekorazioaren gaia eta inspirazioan bat etorri ziren hasiera-hasieratik: Las Vegaseko kasino kitschenak izango zituzten buruan. Kolore anitzetako argiak eta ispilu bolak, urre koloreko apaingarri distiratsuak. Eta loreak, kolore guztietako loreak! Animalia biziren bat, piztiaren bat ere han eta hemen ibiltzea pentsatu zuten, baina legeek hau baimentzen zutenetz ez zeukaten oso argi. Zalantza zeukatenez, baietz erabaki zuten, tigre bat sarreran eta pitoi bat gela nagusian ibiliko zirela. Ongi zekiten dekorazio hura beldurgarria zela eta gonbidaturen batek baino gehiagok epilepsia atake bat nozitu zezakeela, baina euren ospakizuna zen, eta ospakizun bat zela antzeman behar zen. Urrundik. Jakina, guztia behin-behinekoa izan behar zuen, jaiaren biharamunean desegiteko, apaingarri haietaz guztietaz inguratuta bizitzeak ikusmenarentzat kaltegarria izan behar baitzuen; eta burmuinaren osasunarentzat ere onuragarria ezin zitekeen izan. Etxetik kanpo, lorategian, etengabe bira egiten zuten lau foku jarri zituzten, hiriaren gaueko zerurantz lau argi zutabe bidaltzen zituztenak; urrundik, esan bezala, bertan zerbait gertatzen ari zela jakin zedin. Bai urrundik eta baita hiriko zerua zeharkatzen zuten hegazkinetatik ere. Sarrerako eskaileratan alfonbra gorri bat jarri zuten -nola ez!- eta harreran photocall bat, jaira heldutako kazetariek gonbidatuei argazkiak eta ganora gutxiko galderak tartak balira bezala jaurtitzeko. Borjak, Harreman Publiko eta prentsan aditua zen neurrian, lan deigarria egin zuen. Izan ere egoiliarrek aukeratutako pertsonei gonbidapenak bidali baino besterik ez zuen egin, baina, guztien harridurarako -inoren bisitarik jasotzera ohituak ez baitzeuden-, baieztapenen zerrenda inork espero zuena baino nahiko luzeagoa izan zen. Hobeto. Jende gehiago, jai gehiago. Komunikabideei dei egitea txantxa bezala bururatu zitzaien, ametsetan ere ez zutelako uste adineko jende gayren egoitza bateko jai bat inoren interesekoa izan zitekeenik. Baina festaren inspirazioa Las Vegaseko ospakizun handiak baziren, VMA sarietan edo boxeo munduko titulurako borroka batean bezain beste mikrofono eta kamera biltzen saiatu behar ziren The Hillseko sarreran. Bai Borjak eta baita Abel, Bruno eta Dylanek euren agendetan gordetzen zituzten kontaktuak errepasatu eta The Hillsen interesekoak ziren hedabideei bakarrik dei egin zieten. Aldizkariei egin zieten dei, digitalei eta baita paperaren garaitik bizirauten zutenei, bihotzekoei eta estilokoei, zaharkituei eta iraingarriei; telebista saioei eta Interneteko bideo kanalei; baita Gotzainen Konferentziarenak edo Opusarenak ziren komunikabideei. Bada, deia luzatu ez zieten hedabide askotik, ekitaldiaren berri izan zutenean –batek daki nola-, akreditazioak eskatu zizkieten. Akreditazioak! The Hillseko festarako! Cateringak ezta ezin zuen hutsik egin, eta ez zuen egingo. Bai, jatekorik egongo zen, jateko nahikoa gainera, bertokoa eta exotikoa, tradizionala eta abangoardiakoa, gazia eta gozoa; baina edonola ere falta ezin zitekeena egun hartan, gau hartan, edaria zen. Asmo horri jarraiki, egoitzan zehar barreiatutako barrak eta ganbarak goraino hornituak zeuden. Jairok bi ardura -bi ziren edo bakarra?- hartu zituen bere gain: segurtasuna eta bestelako hornidurak. Azkenik, larrialditarako anbulantzia bat ere kontratatu zuten, ospakizunaren eguneko arratsaldeko lehen ordutik The Hills aurrean aparkatuta zegoena. Bazekiten-eta egun hartan emozio handiak, bihotzarentzat arriskutsuak, pil-pilean ibiliko zirela, eta baita ohi baino gehiago kontsumituko zutela, normalean kontsumitzen ez zutenek ere. Artistekin, dekorazio dendekin, lore hornitzaileekin, catering enpresekin, Draganekin, dealerekin… guztiekin hitz egin bazuten ospakizunean pitzadurarik egon ez zedin, zergatik ez sendagileekin ere? Noski, sendagileak drogak ez hartzeko eta alkohola neurriz hartzeko gomendatu zien, guztiei banan-banan. Izan ere, agintzen saiatu zen, baina haiei agindurik ezin zitzaiela eman aspaldian onartua zuen. Arriskutsua zela azaldu zien, euren adinean bihotzak eta arteriek ez zutela gaztetxo batenak bezala eusten, eta ezbehar bat gerta zitekeela. Hori guztia ondo ere ondo bazekitela erantzun zioten. Baina egun hartan, aspaldiko partez beraietako askorentzat, arriskua hartuko zutela, eta aurretik ohartu nahi zutela. Oharra hartuta eta hainbesterako zintzotasunaren aurrean, sendagileak bizi-euskarridun anbulantzia bat prest edukitzea gomendatu zien. Urteurrenaren egunean, iluntzean, dena prest zegoen eta gonbidatuak heltzen hasi ziren. Hillstarren senitarteko eta adiskideek sarrerako burdin hesiaren aurrean autotik jaitsi, lorategia zeharkatu, alfonbra gorria zikintzeagatik lotsatu eta sarrerako photocallean lotsa gehiago eta handiagoa pasatzen zuten. Gizarte Arazoetarako Zinegotzia eta Kontseilaria ere heldu ziren, inaugurazioaren egunean The Hills proiektuari euren laguntza –morala- ematen egon zirenak. Ez zeuden gonbidatuta, baina handik agertu ziren dena dela, ospakizunak oihartzun zabala izan baitzuen komunikabideetan, esan bezala, harreman publiko eta prentsa arduradunek primerako lana egina baitzuten. Zinegotzi eta Kontseilari jaun-andreei, ospakizunaren berri heldu zitzaienean, propaganda egiteko aukera ezin hobea zela iruditu zitzaien, urte bat lehenagoko itxurakeriaren antzekoa. The Hillsera heldu ziren, kazetariak agurtu eta photocallean adierazpen hutsal eta demagogiko batzuk egiteko asmoarekin, ia egunero egin ohi zuten bezala. Aurretik, eta ohi bezala ere, euren kazetari “ofizialei” deia egin zieten bertan egon zitezen eta galdera egokiak egin zitzaten. Ez zuten nahi bertara heldu, iluntzeko ordu haietan, eta kazetari edota argazkilaririk gabe aurkitzea, edo are txarrago litekeena, kazetari “ez ofizialen” baten galderengatik une deseroso bat igaro behar izatea. Elkarrekin heldu ziren, bikote balira bezala, gala baterako jantzita, esmokina zinegotzi jaunak eta soineko beltz luzea kontseilari andreak, nahiz eta gonbidapenetan horrelako dress coderik ez eskatu. Itsu zihoazen ez zitzaielako gonbidapenik iritsi. Inork ez zien bidali. Autotik –ofizialetik- atera ondoren, besotik helduta ibili ziren alfonbra gorrian zehar. Kazetari ofizialek argazkiak atera zizkieten bekokietatik jaurtitako flashez lagunduta. Pozik eta irribarretsu igo zuten sarrerako eskailera, jai batera doanaren jarrera alai eta baikorrarekin, baina eskaileraren goiko aldera iristerakoan, bidea oztopatzen zien soka batekin topo egin zuten. Alfonbraren kolore berdineko belusean bildutako soka bat. Sokaren alboan idi baten antza zuen atezain bat zegoen, Draganen mutiletako bat. Atezainak soka alde batera kendu, gabon esan eta sartzera gonbidatuko zituela uste zuten, baina hark ez zituen eskuak elkarrengandik askatu. Zirkinik ere ez zuen egin. Ahoa zabaldu zuen eta Karpato mendietakoa izan behar zuen azentuaz hitz egin zuen. – Gonbidapenak mesedez. Zur eta lur geratu ziren zinegotzia eta kontseilaria. – Zer gonbidapen? Gure zain daude barruan. Deitu zure nagusiari. – Gonbidapenetan argi idatzita agertzen zen, nominalak zirela eta baieztapena beharrezkoa zela. Zuen izenak mesedez, gonbidatuen zerrendan begiratzeko. Izenak eman zizkioten, gogo handirik gabe eta ahapeka, eskaileraren behealdean zeuden kazetariek elkarrizketa haren edukiaz jabetu ez zitezen. – Ez zaudete zerrendan, ez bata ez bestea. Sentitzen dut baina ezin dizuet sartzen utzi. Mesedez, sarreratik baztertu zaitezte, gonbidatuei bidea uzteko. … – Baina hau lotsagarria da! Egizu mesedea zure nagusiarekin hitz egiteko eta eragozpen hauek ahaztuko ditugu. Atezainak belarritik aho bazterrera zihoakion mikrofonotik hitz egin zuen, eslaviar familiako hizkuntzaren batean, eta erantzuna aditu zuen. – Sentitzen dut jaun-andreok, baina gonbidatuen artean ez zaudetela berretsi didate. Mesedez, ez oztopatu gainerako gonbidatuen sarrera. Gabon. – Hau irain bat da! Zuk ez dakizu norekin ari zaren! Hau ez da honela geldituko. Poliziari deituko diot oraintxe bertan eta ea sartzen garen edo ez ikusiko dugu. Zu bezalako atezaintxoen agintekeriek ez dute nirekin balio. – Jauna, hau ez da leku publiko bat, publikoarentzat zabalik dagoen lokal bat, etxe pribatu bat baizik. Poliziak ezin du etxe baten jabea norbait bere etxean onartzera behartu. Bai zinegotzia bai kontseilaria irrigarri geratzen ari zirela ohartu ziren eta ez zuten erantzun. Bitartean kazetarien flashek ez zuten atsedenik hartu momentu batean ere. Biharamunean -edo ordu gutxi batzuetan- kronika umiliagarri bat baino gehiago kaleratuko zela espero zitekeen. Isilean buelta eman eta, irribarre eta alaitasun aurpegia jartzen ahaleginduz, eskailerak jaitsi zituzten; alfonbra gorri gainean bueltako bidea egin, autoan –ofizialean- sartu eta alde egin zuten. Barnean bitartean jaia pil-pilean zegoen jada. Gonbidatu gehienak heldu ziren, haien artean Maia eta Tania, osabaren ospakizunera senarrak ekarri zituztenak. Fidelek, gonbidapena bidali zienean, zera idatzi zuen eskuz: “Baldin eta “esan genizun”, “ohartu zintugun” edo antzekorik ez botatzea hitzematen baduzue”. Ilobek, iristean, berehala lasaitu zuten osaba. – Ez dizugu ezer aurpegiratuko –Taniak-. Alderantziz, pozik gaude ezer gertatu ez izanaz. Zuek bakarrik, zuen kabuz zuen buruak zaintzeko kapazak zaretela frogatu diguzue. Zorionak! – Ez hori soilik –Maiak-, harro gaude hemen egin duzuenarekin. Egun inor ez da albokoarekin ados jartzen ezertarako, ezta senarrarekin ere, eta zuek guztiok ados jarri zarete hau antolatzeko eta aurrera ateratzeko. Esan beharra dago guk ez genukeela horren ondo egingo, ezta erdia ere! – Ez izan horren zuri! –Fidelek.- Ez iezadazue hitz egin musuzapia tolesten edo semaforoa zeharkatzen ikasi duen eskolaurreko bati bezala. Beti izan duzue osabaren adimen eta kapazitateen kontzeptu eskasa. Hemen bizi garenok adinekoak gara, baina ez inozoak. Xelebreak izan gaitezke, baina ez ergelak. Pentsa ezazue gure kabuz honaino heldu bagara, bizitzan moldatzen badakigulako izan dela. Ea noiz sartzen zaizuen buruan. – Osaba, orain zu zara “esan nizuen” antzeko zerbait botatzen ari dena. – Touché. Eta zuek biok? –Iloben senarrei.- Zer dela eta ez daukazue oraindik kopa bat eskuan? Jai bat da hau, ez konpromiso bat. Era guztietako gin-tonicak prestatzen dituen barra berezi bat antolatu dugu. Ziur gustukoa duzuena. Gela nagusitik kanpo dago, gin-tonic zaleen azalpen eta hitz jarioak ez ditugulako oso ondo jasaten, baina ez dago urrun. Zoazte laster kardamomoa edo dena delakoa agortu baino lehen. Dj-ak bere lana hasia zuen. Djak gaueko musika erabakiko zuen, baina hillstarren batzarrak bozkatutako iradokizunei jarraituz. Hori izan zen guztiek batera erabaki zuten gauza bakarra: musikaren zentzua. Argi zeukaten guztiek, musikaren kontua ezin zitekeela edonoren eskuetan delegatu, eta arriskutsuegia zela ere beraietako baten edo biren ardura besterik ez izatea. The Hills egoitzaren jaia zela argi geratu behar zen eta egoiliar guztiek dantza egin beharko zuten, anbulantziari zereginen bat eman arte. Hortaz, musika, jai hartako musika, guztien gustukoa izan behar zuen, eta gonbidatuei gustatzen ez bazitzaien edo ulertzen ez bazuten, alde egin zezatela. Batzar bat antolatu eta gutxieneko arau batzuk adostu zituzten. Jaia girotzeko Alainek eta Elenek nolako musika aukeratuko zuketen komentatu zuten batzarrean. Antolatzaile bezala bikotetxoaren balizko burutapenak txantxa etengabea izan ziren egoitzan, baina zehazki haiek biek jarriko zuketen musika irudikatzeak hotzikarak eta barregura eragiten zizkien aldi berean. – Argi dago Julie Andrews, Judy Garland, Liza Minnelli eta holakoak entzungo zirela –komentatu zuen Paulek-, adineko gay talde baten jai batentzat egokiak zirela nonbait irakurri zutelako. – Ziur! Eta modernitate apur bat gaineratzerakoan Barbra Streisand eta Celine Dion izango ziren gogorrena –Teoren ahotsak posibilitate hura bere amesgaiztorik txarrena zela iradokitzen zuen-. – Agian, haien alde sadikoena azaleratuz, gay talde honi gure bekatuak ordainarazteko penitentzia bezala, Gloria Estefan eta Mariah Carey entzunaraziko ziguten –Manuk sarkastikoa izan nahi zuen, baina, ahotik irteten zitzaion bitartean, txantxak inolako graziarik ez zeukala ohartu zen-. – Haiek gurekin egingo zuketen esperimentuaren ankerkeriak Colonia Dignidad lotsaraziko luke –bihotzez esan zuen Fidelek, ez besteak baino ahoberoagoa izatearren-. Bikotetxoaren interferentziarik jada ez zeukatenez eta euren erabakien jabe bakarrak zirenez, hamahiruen gustukoa izan behar zuen musika hori zein zen argitzen hasi ziren. Hasteko, argi utzi behar zitzaion djari zer ezin zuen jarri, ezta modu ironikoan ere. Eztabaida apur bat egon zen honen inguruan, baina laster idatzi zuten betoa izango zuten musika estilo eta artisten zerrenda. Urteurren jaian debekatuta egongo zen musika latinoa, horrela, orokorrean, esaera honek biltzen duen guztia barne hartuta, alegia, ez merenge, ez saltsa, ez batxata, ez reggaeton ezta electro latino edo antzeko amesgaiztorik ere. Hau aho batez adostu zuten, ez zuten ezta bozkatu behar izan ere. Indie espainiarrak ere galarazita izango zuen sarrera ospakizunera, baina egoiliarren batek edo bestek salbuespenak jarri nahi izan zizkion arau honi, salbuespen ezberdinak. Eztabaidatu behar izan zuten eta bozkatu. Azkenean salbuespen bakarra izan zuen indie espainiarraren betoak, “La casa azul” taldea, hau indie bezala sailkatzea ere bidezkoa ez zela erabaki baitzuten. Errazena konpondu ondoren –hillstarrek ez zeukaten desadostasunik gorroto eta amorruen inguruan-, djari egin beharko zizkioten iradokizunen eztabaida etorri zen, eta hor bai elkarrizketa luzea izan zela, baina inolaz ere sutsua edo oldarkorra, alderantziz baizik. Bakoitzak bere gustuak eta hura bezalako jai batean entzutea eta dantzatzea gustatuko zitzaiona adierazi zuen, eta partekatzen zutena zenbatekoa zen berresteak harritu eta poztu zituen. Aspaldiko garaietako anekdoten oroitzapenak ere atera zituzten eta “lan” bilera izan behar zuenak tonu malenkoniatsu eta hunkigarria ere hartuz joan zen. Azkenik, barre pilo egin ondoren eta malkotxoren bat ere bota ostean, hura, dantza egiteko eguna –gaua- izango zela erabaki zuten, eta djak hillstarrek noizbait, bizitzako une ezberdinetan eta droga ezberdinen eraginpean, dantzatutako musika jarri beharko zuela. Urteak igarota, hamarkadak, atzera begiratuz, musika haietako batzuk kalitate lotsagarrikoak zirela ondo bazekiten -orduan ere bazekiten kalitatearena-, baina joandako garai haietako esperientzia berriz bizitzen saiatu nahi zuten, minutu batzuez. Zerk bultzatu zituen beste garai haietan abesti haiek dantzatzera? Gazteago, inozoago, xaloago, ezjakinago izateak? Begirada garbiago eta irekiagoa izateak? Sozializatu beharrak? Esan bezala, garai hartan hartzen zituzten drogekin musika ondo uztartzen zela? Hori guztia batera izango zen, eta berriz bizi nahi zuten. Eztabaidaren amaieran, lau multzotan laburbildu zuten djari enkargatuko zioten musika. Multzo bakoitzarekin djak abesti bloke bat antolatu beharko zuen eta bloke bakoitza, edo djaren sesioaren zati bakoitza, zuzeneko emanaldi batekin burutuko zen -hau Abel eta Brunoren lana izango zen-. Bazegoen bada dja lehenbiziko blokearekin, italodisco musikaz osatua zegoena. Gonbidatu gazteenek ez zekiten zer zen hura, Spectrum bat eta Casiotone batekin egindako musika zirudiena; ingelesez abestua, baina inolaz ere anglosaxoia ez zen azentu batekin. Egoiliarrek, euren aldetik, ez soilik dantza, abestu ere egiten zuten. Dja bere lekuan kokatu eta musika jartzen hasi zenean, sarrera bezala My Mine taldearen “Hypnotic Tango” jarri zuen, jendea berotzen hasteko. Gutxi batzuek oroitzen zuten abestia eta dantza egiten hasteko ez zen egokiena, baina Pavloven zorioneko txakurrari gertatzen zitzaion bezala, abestia kontzienteki ez bazuten gogoratzen ere, laurogeiko hamarkadan dantza egin zuten guztiei listu guruinak aktibatu zitzaizkien, edo listu guruinak ez baziren, inkontzientean edo oroimenaren txoko ilun eta sakon batean gordeta zeukaten zerbaitek oinak, aldakak eta gorputz osoa mugitzen hastera bultzatu zituen. Ondoren etorri zenak mugimenduak biderkatu besterik ez zituen egin eta atsedenerako abagunerik ez zien utzi, egoiliarrei bederen: Modern Talking-en “You´re My Heart, You´re My Soul”, Gary Low-ren “You Are A Danger”, Spagna-ren “Easy Lady”, Gazebo-ren “I Like Chopin”… Egoiliarrak eta euren adinekoak zoratu egin zirela susmatzen hasi ziren gainerako gonbidatuak, edo droga ezezagunen bat hartu zutela, guztiek batera eta ezkutuan. Batez ere jarraitu zuten abestiek eragin zuten zoramenagatik: Baltimoraren “Tarzan Boy” -guztiak batera oihukatzen, ouooooooooh!-, Sandy Marton-en “People From Ibiza”, Francesco Napoli-ren “Balla Balla”, Danuta eta bere “Touch My Heart” eta Sabrinaren “Boys” -azken bi hauek bular handidun bi artista zirela azaldu zien Fidelek ilobei, eta hauek beti bezala ez zuten ulertu gayen obsesioa emakumeen bularrekiko-. Hurrengoa entzuten hasi zenean, Fidel djarengana hurbildu zen eta zorionak emateko keinua egin zion: “Bolero” zen, Fancy artistaren arrakasta -bai, arrakasta-, Fideli sentimendu kontrajarriko oroimenak zekarzkiona. Eta hura bukatzean, dja isildu egin zen eta areto nagusian antolatutako agertokiaren argiak piztu ziren. Adineko gizon bat igo zen, Fidel baino nahiko zaharragoa, eskailerak igotzen lagundu behar izan zioten, baina bertan zegoen. Haren aurpegia inork ez zuen ezagutzen, beharbada urte ugari igaro zirelako sonatua izan zen garaitik, baina baita italodisco estiloko artistak sekula ez zituelako inork euren aurpegiengatik ezagutu, ezta kasu askotan izenagatik ere. Abestiak ezagutzen zituen jendeak, ez artistak, gehienak arrakasta -edo arrakasta antzeko zerbait- bat bakarra izaten zutelako, eta horrek ez zuen laguntzen haien izenak eta hazpegiak gogoan gordetzera. Baina play-backaren hasierako notak entzun zirenean, aho-bateko algara oihua entzun zen eta txaloak bero jo zituzten entzuleek: Silver Pozzoli zen -izan behar zuen-, “Around My Dream” abestia zekarkiena. – See, see, see my dream around… txurutxutxutxutxu, see my dream around… -Hillstarrek, emanaldia jarraitzen, mojen ikastetxe bateko ikasleak ziruditen Aita Santuaren bisitan.- Bukatu zuenean txaloa beroa eta hunkigarria izan zen. Agertokitik jaisten lagundu behar izan zuten Silver Pozzoli -izatez Silvio deitzen omen zena, orduan esan zienez-, baina ez zuen ihes egin, bere adineko norbaitengandik ordu hartan espero zitekeen bezala. Ostera, gela nagusitik kanpoko eserleku batean eseri eta kopa bat eskatu zuen. Eta bertan geratu zen, hurbiltzen zitzaizkion fanekin solasean, gaueko ordu txikietara arte. Bolero jakez eta anglosaxoitutako izen italiarrez beteriko sesio haren ondoren, djak bere hurrengo zatiarekin hasi zuenean, ez zuten oso urrun bidaiatu behar entzuleek, ez espazioan, ez denboran ezta estetikan ere. Bigarren zati harentzat hillstarrek djari egindako agindua zera izan zen, Stock, Aitken eta Waterman ekoizleen lanean oinarrituriko musika sorta bat. Agindua, esan bezala, iradokizun hutsaletan ez baitziren gelditu. Eta djak horri ekin zion. Egia esateko, hillstarren benetako gogoa Kylieren hasierako arrakastak entzutea zen, eta egia zen baita Kyliek ekoizle hirukote harekin egin zuen lanarekin nahikoa material izango zuela djak sesio bat betetzeko. Baina ikuspegi zabalago bat eman nahi izan zioten ospakizunari eta Kylieren monografikoak beste momentu baterako utzi -zintzoak izanik, hillstarren bizitzen beste egun guztiak eta bakoitza ere, Kylieri omendutako monografiko bat ziren-. Hortaz, djak, musika bilduma, denda eta artxiboetan murgildu ondoren, bere lana antolatu eta hau eskaini zien dantzariei -dantzatzeko baitzeuden bertan, ez entzuteko soilik, ez dezagun ahaztu-: Dead or Alive taldearen “You Spin me Round” mitikoarekin ekin zion sesioari, dantza musikaren arrakasta mitiko harekin, New Wave mugimenduarekin edo postpunkarekin gehiago lotzen zutena gehienek, eta gutxik Stock, Aitken eta Watermanekin, baina izatez ekoizle hirukotearen lehenbiziko number one izan zen Britainia Handian. Ondoren, guztiek espero zuten urakana, Bananaramaren “Venus”, Mel and Kim-en “Respectable” -hau ez zuten espero, baina gogoan izan zuten-, Rick Astleyren “Never Gonna Give you Up” -nola ez!-, Jason Donovan australiarraren “Too Many Broken Hearts”… Eta horrela. Abesti haietako bati baino gehiagori egokitzen zitzaizkion koreografiak eta guzti bazekizkiten hillstarrek eta euren adineko gonbidatuek. Dantza egin zuten -eta abestu ere, abesti guztien leloa bederen bazekitelako- geldiunerik gabe. Eta ez zen anbulantzia martxan jarri behar izan. Djak gora egin behar du dantzariek gora datozenean, eta, hori zela eta, ekoizle taldearen arrakasta gorena gorde zuen zatia bukatzeko. Kylieren -Kylieren!- “Better the Devil You Know” abestiaren hasierako notak entzun zirenean baten baino gehiagoren burmuina geiser bat bezala lehertuko zela zirudien. Haren ondoren, berriz, dja isildu zen eta agertokiko argiak piztu ziren. Nor igo behar zen oraingoan? Ez, Kylie ez zen etorri. Hobe. Anbulantziak ez zukeen leku nahikoa izango bihotzekoak emanda eroriko ziren guztientzat-eta. Baina antzeko, hurbileko, zerbait –norbait- igo zen oholtzara. Adineko emakume bat zen, inork ezagutu ez zuena, hillstarrek izan ezik. Txaloak, txistuak, garrasiak entzun ziren. “Nothing´s Gonna Stop Me Now” entzuten hasi zen. Bai, Samantha Fox zen, Sammy lagunentzat. Bertan zegoen, The Hillsen. MDMA hartu gabe ere odola eta burmuina irakiten zeukaten hillstarrek. – Lan bikaina Abel eta Brunorena! Jonathanek, Taniaren senarrak, artista hura ezagutzen ez zuela, baina haren alaba izan behar zuena nonbait ikusia zuela esan zuen. – Ze alaba eta ze demontre! –Azaldu behar izan zion Fidelek, gertatzen ari zena bat-batean ulertu baitzuen.- Ez da alaba ikusi duzuna, Samantha Fox bera da, orain dela berrogeita hamar urte egin zioten argazkiren batean, oraindik auto tailerren batean zintzilik egongo dena. Sammyk agertokia utzi zuenean, fan guztiak hurbildu zitzaizkion arrapaladan, agurtzera edo zoriontzera edo… bularrean autografo bat sinatzeko eskatzera. Sammyk umore hoberenarekin hartu zuen hainbesteko berotasuna, eta ez soilik bularrean, ipurdi masailetan ere sinatu zuen autografo bat baino gehiago. Djak bere hirugarren zatiari ekin zion. Hillstarrak zalantzan egon ziren zati hau hasieran jarri ote behar zuten, dantza egiteko aukera gutxiago eskainiko baitzien, aurreko biekin alderatuta. Baina hasieran jarriz gero gonbidatuek gehiegi ikaratu eta hura eroetxe bat zela sinetsiz alde ez ote zuten egingo pentsatu zuten, eta gerorako ustea erabaki zuten. Izan ere, atal hura arriskutsuena zen jaiaren arrakasta edo gainbehera erabakitzeko, eta hillstarrek beraiek ezarritako tabuekin harreman puntu bat baino gehiago gordetzen zuen -erritmo pseudolatinoak…-. Aurrekoak ere guilty pleasure direlakoak baziren, oraingokoak guilty ziren gehiago eta pleasure bai bazeukaten, baina zalantza zegoen pleasureak guiltya konpentsatuko ote zuen. Azkenean, titare bat ur besterik ez zeukan igerileku hartara jauzi egiteko arriskua hartzea erabaki zuten, eta “espainiar talent-showetan” oinarritutako sesio bat antolatu behar zuela agindu zioten djari. Hori bai, jendea bero-bero eginda zegoenean eta dantza egiteari utzi eta arnasa hartzeko momentua heldutakoan. Djak, esaneko, erronka onartu eta lana aurkeztu zuen, track-list barnean tranparen bat sartuta. Oraingoan, guztiak gaztelaniazko abestiak zirenez, jakina, egoiliarrek buruz zekizkiten oso osorik. “Te quiero y quiero más”, OT1eko lehenbiziko erauziekin egindako “Fórmula Abierta” taldearen txorakeria hilezkorra; “Es urgente”, Bustamante toxikoari barkatu ahal zitzaion atentatu bakarra; Mai Menesesen “Vuelve”, Bethen “Dime”, Lunaeren “Hipnotizada”, Edurneren “Amores Dormidos”, Sorayaren “Por mi te puedes ir al cuerno” -izenburu ederra-… eta tranpatxoa ere, “A dos centímetros de tu boca”, Jesús Vázquez aurkezleak abeslari bezala saiatu zenean grabatutako “hura”. Arriskutsua zen, musikarekin zerikusi gutxi zeukalako han entzundakoak, baina behin saltsan sartuta, jendea dibertitu egin zen, eta berriz ere adinekoei garai eta momentu bereziak ekarri zizkien gogora. Eta berriz ere -azkeneko aldia izango zen- agertokiko argiak piztu ziren eta hirugarren artista bat igo zen. Ainhoa -Cantalapiedra-. Abel eta Brunoren gonbidapena onartu zuen, eta ez hori bakarrik, haien eskakizun berezia ere: abesti bakar bat abestu behar zuen, eta ez bere karreran zehar lortutako arrakasta anitzetako bat, edo denboran hurbilenetakoa zen baten bat ere, baizik eta, mesedez, “Mi razón de vivir” abestu zezala erregutu zioten. Eta Ainhoak baietz esan zuen. Hura entzundakoan hillstar guztiak hunkitu egin ziren. Gonbidatuetako askok ez zuten ulertzen zer zen entzuten ari ziren hura, ezta egoiliarren erreakzioa ere, tartean Fidelen ilobek eta hauen senarrek. Zergatik hunkitzen zituen -negarra eragiteraino- beraiek sekula entzun ez zuten abesti hark? Ainhoak bere ekitaldia bukatutakoan, txalo eta txistuen algara kanpoko fokuak baino urrunago iritsi zen. – Ainhoaren garaipena OT2-n, 2003. urtean, Justiziak Historian izan dituen materializazio eskasetako bat izan zen –ilobei erreakzioaren zergatia azaltzen saiatu zen Fidel-. Eta, irabazi ondoren, urte hartako Eurovisiongo festibalera Beth joan zen, hirugarren geratu zen eta abesten ez zekien iruzurgile bat. Iloben aurpegiak ikusita, azalpen gehiago eman behar zituela sentitzen zuen Fidelek. – Gu, hemen gauden guztiok, zuek ere, bidegabekerietara ohituegiak gaude, lanean, ogasunarekin, kiroletan, herri eta herrialdeen arteko harremanetan… Injustizia da araua. Eta noizean behin, Justizia, hizki larriz, agertzen zaigunean, bizitza osorako grabatuta gelditzen zaigu momentua. Hori zen Ainhoaren garaipenarekin gertatu zena. Eta festibalera zorrizto hura joan zenean, berriro errealitatera, eguneroko injustizietara itzularazteko modua izan zen. Abesti hau, Ainhoak festibalera eramango zuena, ahaztuta, baztertuta gelditu zen betirako. Bakarrik gu eta gu bezalako gutxi batzuen oroimenean gorde zen, bizitzak une eder, gozo, oroigarri gutxi eskaintzen dizkigula eta beti beste une mingots eta itsusiren batekin konpentsatzen digula gogoratzeko. – Osaba, zer hartu duzu? – MDMA. Apur bat. Jairok eskaini dit. Aspaldiko partez. Lasai, mediku eta erizain bat dauzkagu hemen, jaian, eta anbulantzia bat atarian, badaezpada. Ainhoa agurtzera hurbildu zen Fidel. Argiak itzali ziren. Dja bere sesio luzeena –azkena- hastera zihoan. Orain hura zen artista bakarra. Hari eta haren musikari dantza egingo zioten guztiek. Guztiek batera zerbait berri eta errepika ezin bat eraikiko zuten gau hartan, Djak musika jartzen eta gainerakoek dantza egiten. Eskakizun, iradokizun bakarra egin zioten hillstarrek azkeneko zati harentzat djari: dantza-musikaren historia osoari errepaso bat eman ziezaiola, baina 90ko hamarkadako house musikari zati nabarmen bat erreserbatuz. Eta horrela hasi zen. Horrela hasi ZIREN -musika eta dantza bat bakarra eginez-: Go boy, run boy!
Moduluan begiratzeko esan dit dendari uniformedunak, handik deskargatu dezakedala liburua. Harriturik begiratu nau, begiak arranpalo, urteak balira bezala halakorik galdetzen ez ziotela. Dena esatera, hala baita, ziur aski. Barkatu, esatera nindoan, antigoaleko tipo bat nauzu, liburuei liburu eta fitxategiei fitxategi deitzen dien horietakoa, eta galdu egiten naiz leku berri hauetan. Ez dira hain berriak, esango lidake alabak, badira hamabost urte gutxienez Donostian lehena jarri zutela, ni jaio gabea nintzen. Saiatu izan naiz denboraren kontzientzia erlatiboaz azalpenak ematen baina berehala egin izan dit keinu baztertzaile bat, eskumuturra goitik behera astinduz, nire matrakarekin jarraitu ez dezadan eskatuz. E, tio, ez niri kontatu XX. mendeko gauzak (nerau XX. mendea ezagutzera, iritsi, ez iritsiagatik). Bere ozarkeriak kontrakoa aditzera eman balezake ere, neska argia da Lia, etxeko argiena, sarritan Alazneri esan izan dion bezala, bere amorraziorako; hura ere, ni ez bezala, bestalde, klaseko lehena izan baita beti: ez du alferrik lan egiten egun Ibermática-ko goi postuetan. Alabaren azkartasunaren baitan dago bere irakurzaletasuna ere, bere adinekoen artean bitxikeria bat dudarik gabe, baina, besteak beste, amaren enpeinuagatik erdietsi duena, eta nire etsiaren kontra; izan ere, zaharreriak jotako aitaren rola osoro nire gain hartuta, urteak eraman ditut Alazneri esaten, uztan bakean, orain horrela zatozan, mundu berrirako ez diten behar, hori dun gure gurasoek eskolan oraindik latina ikasi zitenan bezalaxe, onartu ezan, beste mundu batera goazan. Opariarena ere Alazneren kontua izan da, noski. Zerbait erosi behar niola urtebetetzerako eta erosi behar niola, ez dut besterik izan etxean azken asteon, baina ez nekiela zer arraio erosi, jada Lia pertsona independente izateko bidean izaki, nerabeen mundu horretan –geroz eta lehenago hasten dena, bide batez– galdu egiten naizela. Errazagoa zen lehen, doike. Lehen eta aspaldian. Harekin hain ondo moldatzeko galdu samar ikusten haut ba, gaiztoz bota zidan Alaznek bart. Sekula leporatu ez diodan arren, ezagun baitu nirekiko bekaitza, Liarekin sano ondo moldatzen naizelako, leun joaten direlako gure artekoak, haien artekoak burrunbatsuak eta espantuzkoak izaten diren bitartean. Ez naiz sekula ausartu, baina, berdinak-zareteka hastera, ondo dakidalako alferrik ez ezik kalterako izango litzatekeela; nik, ordea, kiroltasunez, egonarriz eta etsimenduz hartu izan dut aita enrollatua izatearen akusazioa. Gratuitoa? Baietz esango nuke, nire borondatez behintzat, ez delako sekula halakorik egon, ezpada alaba albait hoberen ulertzeko kuriositatea, eta nire burua beraren aurrean erridikuluan geratzeko beldurrik eza, zeina, bide batez, Alaznek ezin duen eta ezingo duen sekula gainetik kendu. Horrek egiten du, egitekotan, Lia eta nire artekoa gozo joatea; beti izan dudala izan nahi duena eta dena arazo handirik gabe onartzeko dohaina. Eta bere kontuetan gehiegi ez sartzekoa ere bai, noski, Alaznek inoiz nire parteko utzikeria legez ulertu izan duena; egia aitortzera, haren interbentzionismoagatik ez balitz segurua da Lia ez litzatekeela liburu artean ibiliko. Zein liburu arraio erosi, bada, Alaznek esan zidan ere. Erosiok Pandemon, duela urte batzuetakoa duk, mende hasiera samarrekoa, zientzia-fikzioaren boomaren garaikoa. Zu ere Pandemonekin galdetu dit dendariak liburuak jasotzera joan naizenean, ez dago besterik azken boladan. Oparitarako dela esan niezaiokeen, baina zertarako bi orduan, laster harrapatuko lidake alibia. Niri ere kuriositatea piztu baitzait liburu madarikatu horrekin; aspaldi ezer irakurri gabea naiz, gainera, eta besterik ezean alabarekin hitz-aspertua egiteko baliatu ahal izango dut. ***** Argiak ilunari gain hartu eta eguna abiatu zenean, Eastio hiriko inork ez zuen espero ordu gutxiren buruan denak beren etxeetan geratu beharko zirenik. Entzunak zituzten zurrumurruak, azken boladan ez zen besterik albistegietan, baina gehiengoak zentzu komunari egiten zion dei: Yun hirian posible izan zen, bai, dena zigilatzea, baina Eastio besterik zen. Hiriaren antolamenduak bezala herritarren izaera eta ohiturek ez zuten zerikusirik Yunekoekin, eta horrenbestez, hiritarrek beren buruei esaten zietena zen kontua ez zela izurriterari aurre egitea edo ez, baizik eta nola aurre egin. Baina arratseko albistegian gobernadoreak hitza hartu eta tonu sakonez, egoeraren larriaz eta ohiz kanpokoaz gaztigatu zuenerako, denek bazekiten zetorrena ez zela samurra izango. –Egoera ezohikoek erantzun ezohikoak eskatzen dituzte, eta dakizuenez, guztion batasuna ezinbestekoa dugu izurritearen kontrako gudua irabazteko. Horregatik, prentsaurreko honen bidez iragarri nahi dizuet datozen hamabost egunetan hiritarrak soilik betebehar ezinbestekoetarako atera ahalko direla etxetik. Honakoak dira sail horretan sartzen diren egitekoak: elikagai eta botiken erosketa, osasun zerbitzuetarako bidaiak, haur, nagusi edo mendekotasunen bat duten pertsonen zaintzarako mugimenduak, finantza edo aseguru erakundeetarako mugimenduak, edo oro har, premia-premiazko egin beharretarakoak. Maryri kosta egiten zitzaion oraindik entzundakoa sinestea eta biharamuna nolakoa izango ote zen galdetzen zion bere buruari: jendea kalera aterako ote zen ezer gertatuko ez balitz bezala? Egoeraren nahaste-borrastea profitatuz, arpilatzeak egongo ote ziren denda abandonatuetan? Kapaz izango ote zen jendea beren etxeetan geratzeko hainbeste orduz? Auzotik paseo txiki bat ere eman gabe? Hurrengo egunean, bada, harrigarria egin zitzaion jendearen esanekotasuna. Eastion fama zuten autoritatearen ezein formekiko uzkur izatekoa. Araudi, legedi eta ordenamenduen zirrikituak bilatzen iaioak omen ziren, kontestatarioak zirela esan ohi zioten atzerritarrari herriaren idiosinkrasiaren inguruan galde egiten zietenean, baina kontua da garaia iritsi zenean, aspaldi handiko agindu zorrotz eta estuena jaso zutenean, denek ia, aho batez, men egin zietela gobernadorearen aginduei. Etxean geratu ziren, Maryren harridurarako. Baina topikoak bezain faltsuak izaten dira antitopikoak, eta egun gutxiren buruan hasi ziren albistegietan urliaren arau hausteaz hitz egiten, sandiak ondo merezitako isunaz, lagundiaren portaera osotoro gizabiderik gabeaz. Ez ziren falta horretarako balkoietako salatariak, mugikorra fusila nola lege hauslea berehalakoan akusatzeko. Gizakiak gehiago gozatzen baitu besteren gaitzetik norbere zorionetik baino. Eta halaxe hasi ziren gero eta ozenago ingurukoen marmarrak: desastre hutsa zela dena, halakoaren jokabidea ez ezik gobernu zentralaren neurriak, herrialdeko autonomiaren paralisia, eskualdeko gobernutxoaren politika zentzugabeak, azpieskualdeko gobernu are txoagoaren neurri estranbotikoak, udalaren… Eta gobernarien kontrako herrarekin aski ez eta adituen kontrakoak hasi ziren entzuten hitzetik hortzera: nork eman dizkiete tituluak ezgai hauei? Adituak? Ustezko adituak izango dira izatekotan. Lanetik bueltan zetorrela James auzoarekin topo egin eta halaxe esan zion distantziara: nolatan ez dute kontuan hartu lehenengo astean eztarrian kokatzen dela birusa, ezarian joaten dela zabaltzen, gaitza isil hedatzen dela gorputzean zehar, baina ordurako kutsagarria dela, eta garbi esan duela halako ikerketak, harako ebidentziek neurriak lehenago hartu behar zirela, gauza bat dela latentzia-garaia eta beste bat inkubazio garaia, ez direla nahasi behar… –Aizu, bihar nahi baduzu etor zaitezke nirekin ospitalera, nire nagusiek harreman zuzena dute osasun kontseilariarekin. –A, egia, ahaztua nuen, ospitalean zabiltzala lanean. –Zu zer moduz, yoga klaseak online ematen, ezta? –galdetu zion azken egunetan hormaz bestaldera entzuten zuen musika akuosoarekin akordatu zelarik. Izan ere, etxeko tarte luzeak berehala joan ziren betetzen gero eta aisialdi-aukera aberats bezain harrigarriagoekin. Musikari, idazle, poeta, funanbulista, titiritero eta enparauak bakoitzak berea eskaintzeko prest ziren musutruk, horietako batek Instagrameko zuzeneko batean esan zuen bezala “itxialdi anker hau samurragoa egin dakizuen”. Eskuzabaltasun hori hurkoarekiko begirunea zen, ez besterik, zeren, instagramerraren hitzetan “bakoitzak hobeki egiten dakien hori eskaini behar du, horretan denok gaude ados, eta nik zera esan nion nire buruari, nik zer eskain diezaioket gizarteari egoera latz honetan? Nire musika”. Dena esatera, Maryk nekez zuen halakoen eskaintza paregabeaz gozatzeko aukerarik, lanaldi amaigabeetan kateatua, leher eginda ailegatzen zen gauero etxera, egun osoan ohatilak alde batetik bestera mugitzen ibili ondoren. Lanaldia bikoiztu zioten, eta ordainetan, arratsero jendearen balkoietako txalo zaparrada jasotzen zuenetako bat zen, nahiz eta, normalean, mediku eta erizainak aipatzen zituzten andariak edo garbitzaileak bainoago. Esker ugari jaso zituen ere mezu bidez, “eskerrik asko egiten ari zareten guztiagatik”, “zuek zarete guda ezezagun honetako heroiak” “eskerrak bihotzez lehen lerroan jarraitzeagatik” eta halakoak, zeinak, dudarik gabe, bihotz altxagarriak zitzaizkion, batez ere gauetako txandan ehun kilotik gorako morroia zeraman ohatila –egun horretako berrogeigarren bultzaldia, demagun– mugitzeari ekin behar zionean. Egunak igaro ahala, txaloak beheititzen joan ziren, hori ere egia da, baina berak berdin sumatzen zuen herriaren hatsa bizkarrean, Tom Simpsonek Mont Ventouxen gora errepide bazterreko zaleen animoak sentitu zituen gisa berean. Honenbestez, Maryk ezin izaten zuen online kultur eskaintza paregabeaz gozatu, eta bere buruari etsipen puntu batez esaten zion sikiera txaloak zituela. Hirugarren asterako, ospitaleko arlo buruak bilera motz batera deitu zituen eta beraien buruak ere zaintzeko premiaz gaztigatu. Ezin zietela lanaldia murriztu, noski, osasun zerbitzuak kolapsoaren hari-harian zeudelako, baina hain justu horregatik onik behar zituztela, eta ohiko segurtasun neurriak hartzeaz gain –eskularruak, maskarak, jantzi bereziak eta abar–, osasun onerako hiru giltzarriak bete behar zituztela beraien egunerokoan, alegia, kalitatezko loaldiak, elikagai naturalak eta ariketa fisikoa. Egiazki, ordura arte jaramon gutxi egin zien hiruei, baina bereziki gutxi ariketa fisikoa egiteari, areago lanean horretatik aski zuelako. Halere, arlo buruak lanean egiten zuten jarduera fisikoaz kanpoko ariketa mota ezberdin bat egiteko komenientzia azpimarratu zien, eta halaxe bururatu zitzaion kaxa batean egongelako armairu handiaren sakonean gordeta zuen bideo-kontsola –zeina anaiak erregalatu zion bi urte atzera, Jessica-rekin harremanaren haustura leunagoa gertatu zekion– hartzea, ariketa egiteko joko batekin etorri zitzaiola akordatzen zelako. Halaxe hasi zen, libre zituen ordu eskas horietan, bideo-kontsolako txorimaloaren mugimenduei hala-moduz jarraika, hasieran kostata samarrean, pixkanaka gero eta errazago. Txorimaloak besoak mugitzen zituela erroten moduan, Maryk ere, telebistaren aurrean paraturik, halatsu egiten zuen; txorimaloa tokitik mugitu gabe belaunak igotzen hasten zela gero eta azkarrago, Mary ez zen gutxiago. Pertsianak jaisten zituen inork ikus ez zezan, eta ahalik eta isilen aritzen ahalegintzen zen, baina jokoan zenbat eta aurrerago joan, hainbat exigenteagoak ziren ariketak, eta ia ezinezkoa egiten zitzaion zaratarik ez ateratzea. Berak ondoko yogiaren musika akuosoa entzuten bazuen, zer ez zuen entzungo behean bizi zen matrimonio bereziak, alimaleko jauziei eta bestelakoei ekiten zienean? Horixe etorri zitzaion burura, egun batez, goizean goiz lanera joatekotan zela autoaren lau gurpilak zulatuak aurkitu zituenean. Ez zen dudarik, norbaiten borondate makurrak egindako zerbait zen, bezperan autoa osorik parkinatu baitzuen eta lau gurpilak baitzeuden zulaturik halako moldez non autoa ohi baino beherago baitzegoen, zimelduta bezala. Ez zituen zalantzak uxatu zitzaizkion pneumatiko bakoitzean ikusi zuen zarratu nabarmenak (laban edo aizto batez eginak, dudarik gabe) bistaratu zituenean. Taxi bat hartu behar izan zuen, beraz, eta autoarekikoak gerorako utzi, alarma egoeran ezin baitzuen inolaz ere bere lanpostua utzi; koldarrak baino ez dira batailaren erdian lubakitik eskapo egiten dutenak. Beheko matrimonioa zen bere susmagarri nagusia. Garajerako sarbidea bere etxebizitza blokekoek baino ez zuten, oso arraroa litzateke norbait kanpotik sartu izana. Gainera, mudatu berritan kexatu zitzaizkion, zabaldua utzi zuen arropak tantak isurtzen omen zituela eta. Besteren batena izan behar zuela pentsatu zuen, berak zentrifugazio potenteena erabiltzen zuelako, baina haien begi gehiegi irekiei eta hizketa modu arranditsuari erreparatuta, eta ez diskutitzearren, baietz esan zien, kontu handiagoz zabalduko zuela arropa aurrerantzean. Egun horretan eta hurrengoan, bada, atseden hartu zuen txorimaloari jarraika aritzetik. Luze gabe, ordea, bigarren eraso bat izan zuen autoak. Oraingoan espraiz zikindu zioten aurreko beira mezu ezin argiago batekin: “Urde kutsagarria!”. Kontuaz jada aski amorraturik, egun hartan inoiz baino jauzi handiagoak egin zituen txorimaloari segika. Poliziari deitu eta ur sakonagoetan sartu baino lehen, lursailaren administrariarekin hitz egitea deliberatu zuen. Bere harridurarako, bazuen erasoen berri, eta arduratuta hitz egin beharrean, auzoekiko enpatiaz hitz egin zion. Erasoak paliatiborik gabe kondenatzen zituela esan zion hasteko, makulu-hitz baten konbikzio ustel berberaz, baina segidan azpimarratu zion ohartu behar zuela auzoak –ez gutxi, zehaztu zion– kezkatuak zeudela, ulertzen zutela bere lana zela andari izatea, baina era berean ulertu behar zuela berak eraikinean jende nagusi, ume eta mota askotariko arrisku-taldeetan sartzen ziren hainbat lagun bizi zela. Bere egoera ulergarria izan zitekeela ikuspuntu pertsonal batetik, baina komunitatearen izenean, auzotar askok eskatzen ziotela lanari uko egin ziezaion, edo, bestela, beste bizitokiren bat bila zezan krisiak iraun bitartean. –Zure interesak ezin dira bizilagun guztion gainetik jarri. –Nola guztion? –izan ere, administraria ez zen bloke horretan bizi, hiriko bizitegi-auzo batean baizik. –Hitz egiteko modu bat da. Badakizu, asko inplikatzen naiz nire lanean. Asaldaturik utzi zuen solasaldiak, baina ez zegoen luzamendu askotarako, lanetik etxera eta etxetik lanera, ozta-ozta konpon zezakeen autoaren kaka-nahastea aseguruaren laguntzari (eta, batez ere, oztopoei) esker. Eta halaxe jarraitu zuen, bada, denborak buruhausteak konponduko zituelako esperantza xaloaz. Berandu gabe ailegatu behar zen ailegatu beharrekoa, baina, eta administrariarekin hitz egin eta egun gutxira topatu zituen bebarruan lau auzokide, hiru bere blokekoak eta beste bat parekokoa. Bere txundidurarako, ez zegoen beheko matrimoniokoen arrastorik; aldiz, bere blokekoetako bat James zen, yogia. Mehatxuz eta irainez hartu zuten, eta handik hanka egiten ahalegindu zenean bultzada bat eman zion lehenik batek, eta amorruaren amorruz erreakzionatu zuenean bultzatu zionari aurre eginez, lauen artean heldu, hormaren kontra eraman eta gogor estutu zuten. Argia izan zen ospa egin aurretik helarazi zioten mezua: “Datorren asterako auzotik kanpo ikusi nahi haugu”. Ez zuen erabakirik hartu beharrik, pasatutakoak pasatuta, ez zegoen balentria heroikoak egiteko moduan. Oporretarako maleta handiena hartu, goraino bete, eta datorren asteari itxaron gabe, biharamunean egin zuen hanka ahizparenera. Lau ziren haiek, baina etxea handia izaki, gela libre bat zuten, eta txikia izanagatik eta kanporako leihorik gabekoa, horrekin ondo moldatuko zela adierazi zien. Gezurra esan zien, ospitaletik askoz ere gertuago zegoela euren etxea eta larrialdia bukatu artean nahiago zuela handik gertu ibili, batzuetan ospitaletik deitzen ziotelako ospitaleratu-olde bat iritsi zelako eta errefortzuak behar zituztelako. Egoera ahalik eta lasterren baretuko zen esperantza zuen, gehienez ere hilabeteko kontua-edo, eta gero bere etxera itzultzekotan zen, auzoek ordurako beste kezka-gairen bat edukiko zutelakoan. Larrialdi-egoera, ordea, uste baino gehiago luzatu zen, eta ahizparenean zegoela hilabete konplitzera zihoanean gertatu zitzaion, ospitalean. Egun batzuk ziren kutsatuen kurba jaisten hasi zela, baina azkeneko hiru egunetan geldialdia iritsi zen: ospitalera kutsatuak eta kutsatuak iristen jarraitzen zuten. Zortzietan amaituko zuen bere txanda, baina ordu laurden lehenago gaixo berri bat transferitu zioten larrialdietatik. Ziztuan bi solairu jaitsi eta zegokion ohatilarantz joan zenean, berehala jabetu zen morroiaren ile sarri kaotikoak eta azalaren kolore laranjatu hori bakarrarenak baizik ezin zirela izan, Jamesenak. –Eraman ezazu ziztuan ZIUra, oxigeno saturazio oso baxuarekin iritsi da. Halaxe egin zuen, zer bestela. Ohatila bultzatu zuen, parez pare jarrita Jamesi begiratzen ziola; berak soa itzuli zion oxigeno-maskararen gainetik. Profesionaltasunak horixe exijitzen ziola pentsatuta, Maryk ere ez zion ezer esan; izanak izan, berari ohatilari bultzatzea zegokiola, eta hobe isilik, ahoa irekitzen bazuen ez zelako onerako izango. Ez zuen atzera tipoa ikusi ospitalean, harik eta ordutik pare bat astera alta jaso zuela jakin zuen arte. Pandemia ahultzen joan zen ezarian, eta horrekin batera, konfinamendu neurriak arintzen. Ez zuen ahizpen etxea uzteko gogorik, baina kontziente zen, era berean, ezin zuela bere etxerako buelta sobera atzeratu. Tabernak eta jatetxeak ireki zituzten egunean itzultzea erabaki zuen; auzo gehienak kalean egongo zirela espero zuen eta errazagoa egingo zitzaiola zuhurki itzultzea. Halaxe izan zen: bebarruan sartu eta arrapaladan hartu zuen igogailua etxerako, eta eskailburuan ere ez zuen beste inorekin topo egin. Lehen roundean bizirik atera zen. Mugiroa, ordea, biharamunean iritsi zitzaion. Ailegatu da erosketetarako orgatxoarekin bueltan, atezuan, eta bekoz beko topatu du pankarta kale kantoia hartu eta bebarrurantz abiatzean, lehenengo pisukoen leihoetan alderik alde: “Ongi etorri, Mary!”. Bizilagun guztiak irten dira batera balkoietara, sinkronizazio handiz, eta aurreko asteetan medikuei oro har txalo jo zieten baino are indar handiagoaz jo diote txalo orain pertsona konkretu bati, Maryri. Gora begira geratu da, harri eta belarri, areago denak isildu eta Jamesi begira jarri direnean. Emozio betez hitz egin dio bizilagunak. –Hemen bildu gara denok, zuri, Mary, eskerrik beroenak emateko. Eta bereziki nik, hemengo denek ondo dakitenez, bizitza salbatu baitidazu. Zer gertatuko zatekeen larrialdietatik ZIUrako bide horretan berandutu izan bazina? Zer, nagikeriaz hartu izan baninduzu eta zure lanak eskatzen duen temarik gabe eraman izan baninduzu? –hunkiturik, dardar egin zion ahotsak segundu batzuez–. Aurretik ere besteekiko elkartasun zantzu izugarriak erakutsi zenituen gu guztiongatik krisialdia amaitu arte etxea uzteko prestutasuna izan zenuenean –txalo eztanda bat entzun zen berriz ere, baita kalean bere inguruan pixkanaka pilatzen ari zen jendearen partetik (tartean administraria) ere–. Gu guztion alde egin duzunagatik esker ona adierazteko hitzik ez dugu. Zuoi –esan zuen 4. Bko eta 5. Dko gazteei begira– historiako heroi asko irakatsiko dizkizuete ikastolan, baina entzun ezazue hau eta gogoan hartu ezazue betiko: benetako heroiak herri xeheko jende anonimoa dira: hemen duzue adibiderik onena. Mary, Mary bai dela heroietan heroiena, harrokeriarik gabe, isilka, umiltasun osoz bere lana egitera dedikatu dena; distirarik gabeko lana askoren ustez, lan ezkutua, lan gutxietsia, baina jakin dezala jende guztiak beragatik ez balitz ni ez nintzakeela hemen izango zuokin guztiokin, ez nuela zuen konpainia eder hau edukitzeko aukerarik izango. Eta bestela, esker txarreko gizarte honetan, beste inork omenaldirik egingo ez dizunez –bereganantz biratu zen berriro– har ezazu zure bizilagunen omenaldi xume hau, gure asmo onenekin egina eta esan dezagun ozen biba Mary, biba eta biba Mary. Maite zaitugu! Ordura arteko txalo zaparrada ozenena etorri zen segidan, eta zer egin ongi ez zekiela, banan-banan hasi zen bizilagun bakoitzari begira, esker oneko keinu bana entseatuz; estimatzen zuela, noski, ongi etorria. Luze gabe, James bebarrutik agertu zen eta zuzenean joan zitzaion. Ia erreakzionatzeko tarterik gabe, besarkada estu batean bildu zuen, txaloak oihu bihurtzen ziren bitartean: “Biba Mary! Biba eta biba! Biba zu! Biba zuek! Biba urlia! Biba sandia! Biba lagundia!”. Alde batera eta bestera begiratuz, irribarre itxi bat atera zitzaion, ordura arteko lehenengoa, eta banan-banan hasi zen inguratzen zuen oldeko kideak ikusten: lursailaren administratzailea ez ezik, beheko solairuko matrimonio berezia –lehen aldiz bozkario betean–, Mary hormaren kontra estutu zuten beste bi bizilagunak, eta pareko blokeko bestea –hura ere han zen–, eta beste asko seguru han zirela: autoaren gurpilak zulatu zituena, autoan pintada egin ziona, administrariari kexatu zitzaizkienak. Denak aho batez, hunkiturik, ospatu zuten Maryren itzulera eta berak, istant batez, begiak malkotzen sentitu zituen. Besarkada itzuli zion Jamesi besaburuak ondo estutuz, eta biratu eta denei begira, besoa luzatu zuen, eskerrik asko esanez behin, eskerrik asko, bigarrenez, eskerrik asko, hirugarrenez ere bai, eta azkeneko bat ere esan zuen, aurrekoak baino are ozenago, inguruko bozkario demasekoaren gaindi nabarmendu zena: eskerrik asko. ***** Arrautzopilari buelta ematen ari nintzaion une zehatzean entzun dut atearen hotsa eta Liaren ohiko sartualdi zalapartatsua: kaixo aita, gaur ere bai? Arrautzopila etxean egiten jarraitzen dudan bakarra omen naizela, bere adiskideen gurasoek eskatu egiten dutela, bost minutuan izaten dela etxean bero-bero. Gainontzeko janariarekin bezala, alegia. Uztan, momentu delikatua dun eta. Irribarre batekin, sukaldea utzi eta bere gelara egin du, ni bertan uzten nauela eskua platerari zartaginaren gainean presio egiten, eskua ez erretzeko eginahaletan. Gogoratu, gero ipuinarena egin behar dugu, e. Zoratzen utzi zuen opariak, bete-betean asmatu nuela; erosi nahi zituenen zerrendan zuela esan zidan, Alaznek zeharretik begiratzen gintuen bitartean. Berak oparitutako jertseak ez zuen hainbesterako arrakastarik izan, milikeriarik gabe galdetu zion Liak, nerabearen espontaneotasunaz, ea aldatzerik zuen. Niretzako beste ale bat erosi nuela jakin zuenean, gainera, liburua irakurritakoan Perform! programan irudikatu –hitz hori erabili zuen– behar genuela esan zidan alegera. Afaldu bitartean atera diot gaia, irakurritakoarekiko mesfidatiegi ez agertzeko saiatzen naizela. Literaturak irakurlea sinesbereegi bihurtzeko arriskua duela, hamarkada luzetan entzun izan ditugula arriskuari dei egiten dioten abisu sentsazionalistak, baina gero, gertatu, ez dela ezer apartekoa gertatu izan. Iritsiko zela gaixotasun hilgarri eta kutsagarri berri baten tenorea eta orduan etorriko zela munduaren ez ezik gizakiaren gainbehera; zenbatetan ez ote ditugu halakoak entzun! Eta nolakoak diren gauzak, zientzia fikzioarekin gertatu ohi den gisara, historiaren joanak erakutsi duela hipotesiaren hutsegitea; argitaratu zenean urrutitxo ikusiko zen 2020a, baina jada urte hura ondo pasata gaudelarik, oraindik balizko birus hilgarri eta kontrolaezinaren notiziarik gabe. Berehala moztu dit erretolika. Literatura literatura dela, ez besterik, eta gainera, berari osoro sinesgarria egiten zaiola halako zerbait gertatzeko aukera, noiz gertatuko den detaile hutsala baita; gizakiak ahalguztiduntzat ditugu geure buruak baina azken batean erabat zaurgarriak gara, esan dit, eta onena Perform! horretan jolastea izango dugu, konturatzeko zientzia fikziozko errelato horrek kontatzen duena ez dela hain harrigarria: norbere larrutan bizi zer litzatekeen halako zerbait gertatuko balitz, eta ohartu, bide batez, ez litzatekeela hain sinestezina ere. Tortilla prestatzen dudan bakoitzean sentitzen dudan hori sentitu dut berriz ere, hau da, ez dutela merezi dudana bezala estimatzen platera prestatzeko nire esfortzua, eta hurrena hobe izango dudala nik ere teledelakora eskatzea. Isildu egin naiz haren esanei kontra egiteko kemenik gabe. Afalostean bildu gara proiektorearen bueltan eta hasieratik-esplikatu-beharko-didazu-dena-ka hasi natzaio, ondo baitaki ni kontu hauetarako Aginako zero bat naizela. Esplikatzen ari zitzaidala etxeratu da Alazne, egunero bezala soslai nekatuarekin. Sukaldearen bazterrean afaria apartatu diodala jakinarazi diot. Ez duela goserik, zer edo zer pikatu duela lankideekin honerako bidean eta ea zertan ari ginen. Liak esplikatu dio Perform! ditxosozkorako ari garela prestatzen, Pandemon ipuina irudikatu behar dugula bion artean; antzeztea bezalakoa dela, baina 3Dn, eta egiazki, irakurritako ipuina azal eta hezur bizitzen ariko bazina sentitzen duzula, kontakizuneko pertsonaietako bat bilakatzen zarela, eta haren sentimendu guztiak sentitzeko gai zarela, bere intentsitate osoan eta zuzenean. Ea mugikorrak edo horiek antzinako gauza haiek ote diren, horixe galdetu dit kontuarekin hasi aurretik. Baietz, dispositibo hauen amonak direla, nolabait. Alazne, sukaldeko taburetean eserita bioi begira geratu delarik, berataz kupitu naiz, ezagun baitu, bere planta irmo eta serio hori gorabehera, gurera batu nahi duela. Sekula ez litzateke berez etorriko, ez dut alferrik 2026tik ezagutzen. Are gutxiago batuko litzateke nik esango banio etortzeko, beretzat ere badela lekurik. Momentu batez aldendu den unea aprobetxatu dut Lia kuraiatzeko berak gonbidatu dezala, bestela biongandik aparte geratuko dela (hori ez diot esan). Ama, zuk ere jolastu nahi duzu? Ez, lasai, ondo zaudete zuek. Begiradarekin aski izan dut jardun dezala adierazteko, jardun dezala. Bai, ama, ikusiko duzu, oso erraza da. Irriño batez hurbildu zaigu, dena-esplikatu-beharko-didazue-ka, eta berehala erantzun diot, lasai, ni ere halatsu nago. Kontua da bakoitzak pertsonaia bat hautatu behar duela, baina berak dena du pentsatuta. Amak, Pandemon irakurri ez duenez, bukaerako koruaren –hitz hori erabili du– papera har dezake, oso erraza izango da. Txalo egin eta bibaka hastea, ez du beste zereginik izango. Aita, zuk egingo duzu protagonistarena, ezta? Hori bai ez nuela espero, oparia berari egina zenez, segurutzat nuen berari zegokiola paper hori. Burutik pasatu zait, arrapaladan, protagonistaren generoaren aitzakia erabiltzea, baina berehala baztertu dut: nire gurasoen komentario bat zirudikeen. Ilusioa egiten dit, esan dit zalantzati ikusi nauelarik. Ez gara orain hasiko urtetan goldatutako familia-posizioa desafiatzen, eta konforme, egingo dudala nik Maryrena, sekula ez naizen izan arren batere iaioa antzezte kontuetan. Barre egin du, ez naiz gauza ondo bereizteko satisfazioz edo burlaizez. Alaznerena ere ez da oso bestelakoa izan. Hasierako urratsak ez zaizkit zailak egin: konfinamendu giroa, lanerako joan etorriak, bizilagunarekin hitz-aspertua: eroso sentitu naiz, pozik kasik, besteren larruan aritzearen liberamenduaz-edo. Banoa autoa hartzera eta gurpil zulatuak, gero pintadak urde kutsagarria. Joan naiz lanerantz eta atarian bizilagunak, batak, bultza, besteak, heldu, Lia, heldu. Nahieran izan naiz arrebarenean, aspaldi ez bezala, munduaren ankerkeriaz libre, lanetik etxera, etxetik lanera. Gatazkak eta jipoiak gorabehera, plazera ematen du bizi honek, inondik ere. Liari egin diot so, Perform! honetan gero eta murgilduago, gero eta atsegin handiagoaz ari naizela ni izateari uzten. Aprobaziozko keinu batez adoretu nau aurrera egitera. Bitartean, Alazne oraindik kieto, zer egin ez dakiela, saltsa honetan parte hartzeaz damuturik ziur aski. Abiatu naiz etxerako bueltan eta hantxe ikusi dut bizilagun saldoa leihoetan, pankarta bipila zintzilik: “Ongi etorri, Alex!”. Hasi da hitz egiten Lia, diskurtso borobila osatu du –bikain egin du hori ere–, hitzak hitzekin lotuz, bihozti, halakoak sarri egitera ohiturik bailegoen. Alex, Alex bai dela heroietan heroiena, harrokeriarik gabe, isilka, umiltasun osoz bere lana egitera dedikatu dena; distirarik gabeko lana askoren ustez, lan ezkutua, lan gutxietsia, baina jakin dezala jende guztiak beragatik ez balitz ni ez nintzakeela hemen izango zuokin guztiokin, ez nuela zuen konpainia eder hau edukitzeko aukerarik izango. Eta bestela, esker txarreko gizarte honetan, beste inork omenaldirik egingo ez dizunez –niganantz biratu da berriro– har ezazu zure familiaren –gidoitik aldendu da baina jokoaren kontua izango da– omenaldi xume hau, gure asmo onenekin egina eta esan dezagun ozen biba Alex, biba eta biba Alex. Maite zaitugu. Txalo zaparrada etorri da gero; Alazne, egongelako bazter batean luze ipinita, txalo eta txalo, eskuak zartatu beharrean, orain bai, orain erabat barneratua eta okasioarekin gozatzen. Biba Alex, biba! Besarkatu nau Liak estu, gidoiaren eskakizunei, orain bai, irmoki jarraituz, eta bera ere hasi da bibaka; biba Alex, biba aita. Biba. Eskerrik asko esatea zegokidala pentsatzen ari nintzela aurrez Liari besarkada itzuli behar diodala oroitu naiz eta, ez naizenez gidoitik aldentzera ausartzen, inoizko estutu handiena eman diot, Alazne, bere onetik kanpo ia, mahaira igo eta txaloaldi eta oihu are ozenagoarekin hasi denean. Bizilagunak zaratagatik kexatuko ote diren errezeloarekin, azken ekitaldirako unea dela jabetuta, Liarengandik pixka bat aldenduz, keinu zinezko, keinu zintzo batez, ukabila bihotzera eraman dut eta, tap tap, tap, eskerrik asko esan dut, eskerrik asko benetan, Lia, Alazne; eskerrik asko. Ni ere ez nintzateke naizena zuek gabe.
Munduko literatura gaurkotasunetik azaldua Peru Iparragirreren hitzaurrea Sobietarren ordez, ustelkeria Egungo Uzbekistani buruz Borrokak bizirik dirau Terrore egunak Pakistanen Filipinak: hain urrun, hain gertu Inperioak erantzun egiten du Indigenen begietatik Burmuinari neurria hartzen Bi mutil, maitasunagatik igerian Uztailaren 17an hasi zen gerra Egiptoko emakumeak euren ahotsean Anaia Handia begira duzu Blas de Otero bere osotasunean Ingurumena babesteko borroka konplexua Gatsby handiaren igoera eta erorialdia Txanpon doinua duen ahotsa Thatcherren agintaldia literatura ingelesean Atacamako basamortuan desagertuen bila Gizaki modernoaren gizatasun galera azaltzen (Trauma) begiratzen saiatu, ikusten saiatu Argitaratzeko beldurra Esklabotza eta (protesi) memoria Kunta Kinteren itzala Mali tokiko idazleen arabera Bizi-iraupen ariketak Belfasten Indarkeria politikoa, amildegi David Foster Wallace marka arriskuan ote? Erotu egin da herria? Esklaboen biloba Aljeriako gudako lezioak Nobel saria, berriro ere kritikaren jomugan Haur bakarraren legea hizpide New Yorkeko jende ederra aldirietan bizi zenekoa Aldirietako familien bizitza Zurien gailentasunaren kontra, ironia Munduko herrialdeak, poesiaren izenean batuta Hitzen trukatzea Nor bere hizkuntzan Arkitektura, lekuko fidagarria? Errealitatea azaltzeko ikuspuntu etikoaren bila Joseph Kony ez da Ugandak duen arazoaren muina Indarkeria, gaitz kutsakorra Haruki Murakamiren japoniartasun ukatua Iraganaren irudi nostalgikoa Hizkuntza sedukzio tresna bihurtzen denekoa Haiti, historia alternatiboa Askatasunaren itsutasuna Octavia Butlerren arabera Kolorearekiko itsutasuna Hemingway deseraikitzen Munduko literatura gaurkotasunetik azaldua Literatura errealitatetik bereizita ulertzen dugula dirudi batzuetan. Ez duela batak bestearekin zerikusirik, edo, zerikusirik baldin badu ere, bien arteko harremana kontingentea dela. Behin errealitateari literatura ebatsita jada ez duela bigarrenak lehenarekiko zorrik. Horixe etorri zait gogora Estibalitz Ezkerraren artikuluok irakurri ahala, literaturaren eta errealitatearen arteko ezinbesteko harremana azpimarratzen baitu, hain zuzen ere, testuotan. Begiak erdi-itxita begiratzen ote diogu literaturari? Parez pare duguna baino ikusteko gai ez garelarik, eta gai al gara egiaz ikusten duguna bere testuingurutik bananduta ulertzeko? Munduko liburutegiko apalategiaren puska garrantzitsu bat dakar orriotara Ezkerrak, testuinguruan kokatuz —denboran, espazioan eta gure bizitzetan— literatura unibertsala. Literatura unibertsala idatzi dut eta horrekin zer esan nahi ote dugun ere beti oso garbi ez dagoela etorri zait segidan gogora. Batxilergoan izan genuen guk Literatura Unibertsala izeneko (hautazko) ikasgaia, eta, noski, mendebaldeko literaturari baino ez genion erreparatu, eta mendebaldeko kanon oso murritzari, atzerakoiari ez esatearren. Ausartuko naiz esaten bilduma honetako aleek osatzen dutena curriculum osoagoa dela ikasgai horretan ikusi genuena baino, eta ausartu naizenez saiatuko naiz ausarkeria zuritzen: Ezkerrak munduko literaturak dakartzanean berezkoa duen kritikotasunak eta, lehen esan bezala, obrak eta obren egileak testuinguruan modu osoago batean kokatzeak aise gainditzen dute dagoeneko literatura unibertsalaz ulertzen duguna, irakasten zaiguna. Literaturarekiko berradiskidetu naute artikulu hauetako askok —nahiz eta erabat etsaituta ez egon puntu bateraino etsita ere bainengoen—, izan ezagutzen ez nituen literaturetara gerturatu nautelako edo dagoeneko ezagutzen nituela uste nituen literaturei beste begirada batez begiratzen lagundu didatelako. Ez da lan makala literatura dibulgatzailearena, eta ur handiak dira munduko literaturarenak; oinarri sendorik gabe, edo irizpide zehatzik gabe, bertan barneratzea arriskutsua suerta daiteke. Ezkerrak baditu oinarri sendoak eta irizpide zehatzak, munduko literaturak emandakoa kokatu eta aztertzeko aproposak. Lehen aipatutakoaren bidetik, literatur sorkuntza beste sorkuntza eta jakintza mota batzuekin lotzeak ere aberasten du bere jarduna. Gaurkotasunetik abiatzen dira bilduma honetako artikulu asko, eta interesgarria da oso nola urgentziaz eta gainkargaz bizi dugun gaurkotasun horretatik munduko literaturarako bidea irekitzen duen Ezkerrak. Horretarako formatu ezberdinak erabiltzen ditu —egileen profilak edo gune, une, gatazka baten inguruko literaturen azterketa laburrak—, gaurkotasuneko gertakari bat ala bestea duelarik abiapuntu, betiere ikuspegi kritiko batez eta munduko literaturaz dugun kanona zabaltzeko eginahalez. Zentzu horretan, (munduko) literaturaren enbaxadore aproposa da Ezkerra, mundua eta munduan gertatzen dena ulertzeko saiakera gisa ikusten baitu literatura, errealitatearekiko harreman zuzenean, ia beti parez pare duguna baino ikusten ez dugun garaiotarako ezin aproposagoa. Peru Iparragirre Sobietarren ordez, ustelkeria Gertaera gazi-gozoz beterik dago Uzbekistanen azken mendeko historia; haren kronikari da Hamid Ismailov idazlea. Hamid Ismailov, egungo Uzbekistan ezagutzeko laguntza handia ematen duen idazlea. Persiako Samanid inperioaren parte lehenik, Timurid inperioarena ondoren, Uzbekistan kokaturik dagoen eremua ekialdeko turkic hizkuntzan mintzo ziren nomadek konkistatu zuten XVI. mendearen hasieran. Gerora, XIX. mendean, Errusiako Inperioaren menpeko bihurtu zen, eta 1924an, Sobietar Batasuna sortu berritan, Uzbek Sobietar Errepublika Sozialista bihurtu zen. 1991ko abuztuaren 31n independentzia lortu eta errepublika egitura hartu zuen. Hamid Ismailoven (Kirgizistan, 1954) Metro liburuan (1991, Lurrazpiko trena) esaten zaigu Sobietar Batasunaren agintaldipean jaio eta hazitako umeentzat Mosku Kremlina zela, eta Kremlin, berriz, bizimodu hobe baterako atea. Ideia horrek bultzatuta, hainbat uzbekistandarrek hartu zuten Errusiarako bidea XX. mendearen erdialdean. Mbobo, istorioko protagonista, ez zen Uzbekistanen jaio; afrikarra eta siberiarra da, hots, inperioaren semea. Mosku, baina, toki hotza da inperioaren bazterretan sortutakoentzat. Beste hainbat etorkinek bezala, Mbobok metroko tuneletan bilatzen du babesa. Metroko tuneletan kidetasuna ez da jatorriaren arabera negoziatzen. Abdulla Qodiriyk (batzuetan Qadiri idatzia; Taxkent, 1894-1938) ez zuen Moskura joan beharrik izan. Aitzitik, Mosku joan zitzaion etxera bila. Jinlar Bazmi nobelan (2004, Deabruen oturuntza) Ismailovek uzbekistandar letretako izen handienetakoaren bizitza azaltzen digu, haren azken urteei arreta berezia eskainiz. 1937an, liburu bat idaztekoa zela iragarri zuen Qodiriyk. Liburua hain ederra izango zen, ezen bere jarraitzaileek bere lanik ezagunenak, O'tgan kunlar (1922, Joandako egunak) eta Mehrobdan chayon (1929; Eskorpioa aldaretik) nobela historikoak, irakurtzeari utziko zioten. Hura idazten ari zela atxilotu zuen erregimen estalinistak, 1937ko abenduaren 31n. Eskuizkribu guztiak konfiskatu eta erre egin zituzten; nobelako orri bakar bat ere ez zen osorik geratu. Ia urtebete geroago, 1938ko urriaren 4an, Qodiriy fusilatu egin zuten. Zentsuraz eta jazarpenaz zer edo zer badaki Ismailovek berak. 1992an ihes egin behar izan zuen Taxkent Uzbekistango hiriburuan zuen etxetik. Haren idatziek gobernu ofizialen susmoak piztu zituzten, eta atxilotzeko agindua eman zuten. Uzbekistan jadanik ez da Sobietar Batasunaren parte, baina errepresioak indarrean jarraitzen du. Gaur egun, haren lanak jaioterrian debekaturik daude. Irakurle kopuru handi batera iriste aldera, Jinlar Bazmi zatika argitaratu zuen Facebooken. Horri esker, haren hainbat aberkidek nobela irakurri ahal izan zuten, gobernu zentsura saihestuz. Ismailov sobietar erregimenaren azken urteetako eta haren osteko bizimoduaren kronikaria dela diote. Haren lanek, hain zuzen, bi epe horien inguruan dihardute. Trenbidea) nobelan (1997), esaterako, Gilas, behin Uzbekistan zeharkatu zuen Zetaren Bidean kokaturik dagoen fikziozko herria, sobietar erregimenaren nondik norakoen paradigma da. Herriak «burdinazko bideari», trenbideari alegia, zor dio bere izatea. Herrigunean dago geltokia, eta alderdiaren bulego nagusiaren funtzioak betetzen ditu, handik kontrolatzen baitu herritarren etorkizuna beren joan-etorrien bidez. Gilas hainbat tokitako jendearen topagune da: armeniarrak, kurduak, pertsiarrak, ukrainarrak, juduak, txetxeniarrak, korearrak, ijitoak, errusiarrak. «Gizateriaren Noeren ontzia» eta, aldi berean, «sobietar inperioaren mikrokosmosa» da herria. Liburuak pertsonaia horietako batzuen istorioak kontatzen digu, besteak beste, Boy izeneko mutiko umezurtzarena. Gerren, deportazio masiboen eta bortxazko kolektibizazioaren ondorioz Sobietar Batasunak eragindako milioika umezurtzen adibide da hura. Estatuak, haurrentzako liburuen zein eskolaren bidez, idealizatu egiten du umezurtzaren irudia. «Umezurtzen aita Stalin zen; aitona, Lenin», esaten digu narratzaileak. Gainerako pertsonaiak bezala, Boy geltokian zain dago. Errusierazko toska hitzak deskribatzen du ondoen beren egoera; itzulpen zehatzik ez du hitzak, baina melankolia eta irrika adierazten ditu aldi berean. Erregimenaren «errusiartze» ahaleginen kontra, Gilasko jendeak bere nortasunari eutsi egiten dio ohituren, sinesmenen eta ametsen bidez. Alderdiaren apparatxiks desegiten duten gertaerez beterik dago nobela. Egungo Uzbekistani buruz Denboran gertuago kokaturik dago Doroga k smerti bol'she chem smert' (2012, Bin Laden eta poeta, itzulpenetan). Taxkent utzi eta mendira jotzen du Belgi fikziozko poeta uzbekistandarrak, gidari espiritual sufista baten bila. Nobelak aurrera egin ahala, ohartuko gara Mendebaldearen irudiko terrorista bat dela gidari hori, eta talibanekin borrokan bizia galdu zuela 2001ean. Nobela, hain zuzen, orduan hasten da, Dorre Bikien erasoa gertatzen denean. Belgik Taxkentetik alde egiten duenerako, beraz, gidaria hilda dago. Narratzaileak esaten digu Asia erdialde osoa dagoela telebistari pega-pega eginda erasoaren nondik norakoak jarraitzen. Kabulen batzuek oihu egiten dute, «Hil dadila Amerika! Hil dadila Satanen inperioa! Allah-u-Akbar!». Ondoren, Uzbekistango Karimov presidentearen soslaia eskaintzen zaigu, zeinak «ia 20 urtez boterean» daraman, «oposizio politikoa itotzea» helburu duela. Egungo Uzbekistan diktaduraren eta jihadismoaren artean harrapaturiko herrialdea dela azaltzen digu nobelak. Borrokak bizirik dirau 'Apartheid'-aren gaineko Hegoafrikako literaturak erregimenaren ondorioak aztertzen ditu iragana eta orainaldia hobeto ulertze aldera. Alan Paton idazle hegoafrikarra. DAVID GOLDBLATT Nelson Mandelaren gorpua iritsi da azkenean jaiotzen ikusi zuen herrixkara. Bertan lur emango diote Hegoafrikako lehen presidente beltza izan zenari. Mundu osoko agintariak Mandelaren bertuteak goraipatzen aritu dira azken egunetan, bi hamarkadaz beren terrorista zerrendan eduki duten Mendebaldeko estatuburuak haien artean. Azken horiek mintzatu dira gehien Mandelaren Afrikarekiko konpromisoaz, bakezaletasunaz, bestea ulertzeko borondateaz eta ahaleginez. Baina ezkerreko hainbat pentsalarik salatu duten bezala, Ama Teresa Kalkutakoa bihurtu nahi du Mandela Mendebaldeak, haren benetako jarrera, terrorista izendapena irabaziarazi zion bera, ezabatzeko. Slavoj Zizekek idatzi bezala, agure erretxindua zen Mandela bere azken urteetan, erretxindua hain zuzen bere gobernuak aldaketa esanguratsu asko ekarri zituelako Hegoafrikara, baina ez zuen kartzelara eraman zuen erregimenaren eragina erabat ezabatzerik lortu. Pena horrekin hil zen Mandela. Borrokak, beraz, bizirik dirau arlo politikoan, ekonomikoan, gizartean eta literatur esparruan ere. Apartheid-aren inguruko Hegoafrikako literatura, hain zuzen, erregimenaren nondik norakoak eta legatua ulertzeko ezinbestekoa da. Haren lehen adibideetako bat da Alan Patonen Cry, the Beloved Country (1948, Negar egin, aberri maitea). Erru kolektiboa eta aurreiritzi arrazistak gainditzen lagun dezakeen adiskidetzea ditu hizpide Mendebaldeko eskoletan apartheid-a irakasteko gehien erabiltzen den nobelak. Bi gai horiek Stephen Kumalo apaiz zuluaren istorioaren bidez aurkezten zaizkigu; bere herrixkatik Johannesburgora doa Kumalo, eta bertan dela, bere seme bakarrak, Absalomek, gizon zuri baten seme bakarra hil duela jakiten du. Absalom eta hildakoa, biak ala biak apartheid-aren biktima direla ohartuta, tragediak bi gizonak elkartu egiten ditu, eta erregimenari aurre egiteko konpromisoa agertzen dute biek. Hildakoak ez ezik, erbesteratuak, errefuxiatuak eta presoak ere eragin zituen apartheid-ak. Horren gainean dihardute Breyten Breytenbachen The True Confessions of an Albino Terrorist (1983, Terrorista albino baten aitorpenak) eta Bessie Headen When the Rain Clouds Gather (1968, Euri hodeiak batu egiten direnean) nobelek. Lehengoak kutsu autobiografikoa du, Breytenbachenek berak estatuaren kontrako ekintza terroristengatik kartzelan igaro zituen zazpi urteak baititu oinarri. Headenen lana, berriz, Hegoafrikatik ihesi pobreziak jotako Golema Mmidiren herrixkara —Bostwanako landa eremuan dago hura— babes bila joandakoen bizipenak ditu oinarri. Era berean, errefuxiatuen eta tokikoen artean sorturiko elkartasun sareak aztertzen ditu. Apartheid-a oroz gain arrazen arteko gatazkan oinarritu zen, eta hari sostengu eman zion. Mongane Wally Seroteren No Baby Must Weep (1975, Haurrik ez du zotin egin behar) poesia liburuak Hegoafrikako beltzen eguneroko bizitzari ahotsa ematen dio. Nadine Gordimerren The Conservationist (1974, Kontserbatzailea) eta John M. Coetzeeren Disgrace (1999, Lotsaizuna, Oskar Aranak euskaratua eta Elkarrek argitaratua 2004an) nobelek zurien ikuspuntua islatzen dute modu kritikoan. Godimerren lanak Mehring afrikanerra du protagonista, natura maite duela esan baina hura esplotatzen duena, denborarekin Afrika beltzen esku itzuliko dela aurreikusi eta onartzen duena, baina emakume beltzez sexualki aprobetxatzen dena. Coetzeek, berriz, David Lurie unibertsitate irakaslearen bizitza akademiko eta pertsonala nola datorren gain behera azaltzen du apartheid-aren ondorioei aurre egitea egokitzen zaionean: hiru gizon beltzek eraso egiten diote alabaren abeletxean dela, bera zaurituz eta alaba bortxatuz. Emakumeek, hain zuzen, diskriminazio bikoitza jasan zuten erregimen barruan, arrazakeria eta sexismoa, ama-alaben arteko harreman konplexua adibide hartuta Farida Karodiaren Other Secrets (2000, Bestelako sekretuak) lanak agertzen duen bezala. Apartheid-ari aurre egiteko moduen gainean ere gogoeta egin du Hegoafrikako literaturak. Alex La Gumaren In the Fog of the Season's End (1972, Urtaro amaierako behalaino pean) nobelako protagonistak, Beukes, ekintza kolektiboa beharrezkoa dela uste du, baina komunitateen arteko komunikazio faltak zaildu egiten ditu gauzak. Bien bitartean Sindiwe Magonaren Mother to Mother (1998, Ama batek beste bati) nobelak apartheid garaiko indarkeria nazioarteko testuinguruan eztabaidatzen du. Amy Biehl ikasle estatubatuarraren hilketa oinarritzat hartuta. 1993an Fullbright beka bati esker Hegoafrikan zen Biehl hil zuen beltz talde batek Cape Town inguruan. Biehlen hilketa mundu osoan izan zen albiste, apartheid-arekin zerikusia zuten krimenek ordura arte lortu ez zuten oihartzuna izanik. Biehlen hilketagatik zigortu zituzten lau gizonak aske utzi zituzten Egia eta Errekonziliazio prozesuari jarraituz. Magonaren nobelak ez du hiltzaileen jarrera zuritzen, baina Mendebaldearen onarpenarekin apartheid-ak Cape Towneko komunitate beltzari inposaturiko neurri zorrotzen barruan aztertzen du gertaera. Era berean, adiskidetzearen garrantzia azpimarratzen du arrazen arteko gatazka gainditze aldera. Terrore egunak Pakistanen Ingelesez idazten dutelako da Nadeem Aslamen eta Kamila Shamsie idazle pakistandarren obra ezaguna Mendebaldean; bien lanak beren sorterriaren gaur egungo egoera du aztergai. Nadeem Aslam 14 urterekin erbesteratu zen familiarekin batera Ingalaterran. DRESLING JENS / POLFOTO Adore handiko jendea sortu da Pakistanen», dio Nadeem Aslamek (Gujranwala, 1966), «baina inongo naziorik ez lieke bere herritarrei hain adoretsu izateko eskatu behar». Uste berekoa da Kamila Shamsie (Karachi, 1973). Pakistanen indarrean den gatazkak eragindako giza-kaltea du oinarri bi egileen obrak. Zia jeneralak ezarritako gerra-neurrien ondorioak jasan zituzten Aslamek eta bere familiak Ingalaterran erbesteratzea erabaki zuten arte, idazleak 14 urte zituenean. Shamsieren egoera bestelakoa da. Unibertsitate ikasketek eman zioten herrialdetik ateratzeko aukera. Familia osoa Karachin du oraindik. Salt and Saffron (2000) bere nobelako protagonistari bezala, familia oneko izateak askatasun handia eman zion lanbidea zein bizilekua aukeratzeko orduan. Hala ere, begi kritikoz aztertzen du jaioterriko eta bere familiaren historia. Ingelesez idazteko erabakia hartu zutelako da Aslam eta Shamsieren obra ezaguna Mendebaldean. Hala ere, ez dira urrats hori ematen lehenak. Beren herrikide Mohsin Hamidek (Lahore, 1971) ere ingelesez idazten du. Bere The Reluctant Fundamentalist (2007, Gogoz kontrako fundamentalista ) nobela harribitxi bat da. V.S. Naipaulen The Mimic Men (1967, Imitatzaileak) nobelako protagonista bezala, Hamiden liburuko narratzailea, Pakistanetik AEBetara ikastera eta lan egitera doan gaztea, gogor saiatzen da bere burua mendebaldar peto-petoa bihurtzen, alferrik ordea. Bere manera onek ez dute bere azalaren koloreak eragiten duen mesfidantza desagertzen laguntzen; aitzitik, irailaren 11ren ostean bere ingurukoek zerbait ezkutatzen duela pentsatzen hasten dira. AEBetako bere lankideek begi onez ikusi eta miretsi egiten zuten lanerako bere prestutasuna susmagarria da orain. Fundamentalista bat da, gogoz kontra. Pakistanen, baina, gutxiengo batek idatzi eta irakurtzen du ingelesez. Banaketaz geroztik (Pakistanek 1947an utzi zion Indiaren parte izateari) urdu da hizkuntza ofiziala, baina beste hainbat hizkuntza ere hitz egiten dira herrialdean, hala nola punjabi, pashto, sindhi, saraiki, kashmiri, pertsiarra. Batzuek traidoretzat dituzte, jaioterria utzi eta inperioaren hizkuntzan ari direlako. Aslam eta Shamsierentzat gauzak ez dira hain sinple. Pakistanen ezinezkoa egingo zitzaien nahierara idaztea. Are gehiago, ingelesak irakurle gehiagorengana heltzea ahalbidetu die, besteak beste pakistandar diasporarengana. Bestetik, hizkuntza hautuak Pakistan geografia zabalago batean kokatzeko aukera eman die, herrialdearen egungo egoera gatazkatsuan zenbait estatuk (Amerikako Estatu Batuek nabarmenki) izan duten eta oraindik ere baduten esku-hartzea eta parte-hartzea azaleratuz. Season of the Rainbirds (1994, Euri txorien urtaroa) nobelan Pakistango herri txiki bateko biztanleen bizipenak zituen hizpide Aslamek, eta Maps for Lost Lovers(2005, Maitale galduentzako mapa) lanean, berriz, Ingalaterra iparraldean erbesteratuko herrikideengana zuzendu zuen begirada. Bere azken nobelak, The Blind Man's Garden-ek (2013, Itsuaren lorategia), berriz, irailaren 11ko gertaerak ditu abiapuntu, Afganistanen kontrako gerra Pakistanera zabaltzen denean. Zaldi-hezkuntza jarduera nagusi duen Heer fikziozko herrian kokaturik dago narrazioaren zatirik handiena. Lana dela eta, bi anaiorde protagonistek Afganistango muga zeharkatzen dute, baina haietako bat Afganistango gerra-jaun batek preso hartuko du AEBetako armadaren esku uzteko. Gerra- jaunek muga igarotzen duten pakistandarrak atxilotu eta «terrorista susmagarri» moduan saltzen dizkiete soldadu estatubatuarrei. Irailaren 11ren ostean inposaturiko logika da: terrorearen kontrako gerran «ez da errugaberik erruduna den nazioan». «Jendeak ahaztu egin du», dio Aslamek, «Pakistanek gogotik ordaindu dituela Afganistanen kontrako gerraren ondorioak. 2001etik hona 30.000 lagun inguruk galdu dute bizia jihadi indarkeriaren ondorioz. Egunero irailak 11 gertatzearen parekoa da hori». 2004tik CIAk Pakistan iparraldean zuzendu dituen 50 drone edo piloturik gabeko hegazkinen erasoetatik bakarrak zuen helburu garbia. «Senarrak, emazteak, umeak albo-kalte moduan hartuak dira», gaineratu du egileak. Aipatu Salt and Saffron (2000, Gatza eta azafraia) ez ezik, In the City by the Sea(1998, Hirian itsasaldean), Kartography (2002), Broken Verses (2005, Bertso hautsiak) eta Burnt Shadows (2009, Itzal erreak) argitaratu ditu Shamsiek. Azken hori da anbiziotsuena, gainerakoak ez bezala Karachitik kanpo kokatua. Hain zuzen, garai eta geografia ezberdinak elkarrizketan jartzen ditu nobelak: Nagasakiren bonbardaketa, 1947ko India eta Pakistanen arteko haustura, Afganistanen kontrako gerra. Guantanamon hasten da istorioa. Izenik gabeko gizon batek—biluzik, kateaturik, izuak jota— «nola iritsi gara honetara?» galdetzen du zigor-gelara daramatenean. Narrazioak denboran atzera egiten du orduan, erantzun bila Nagasaki eta Guantanamo bata bestearen ondorio direla adierazi baino gehiago, egoeren konplexutasuna, gatazketan gizabanakoek duten inplikazio maila aztertzen du Shamsieren nobelak. Irailaren 11k lehen aldiz erantzun (eta eraso) globalak eragin zituela diote batzuek, baina lehenagotik ere bageunden konektatuta eta inplikatuta, esaterako kolonialismoaren bidez. Inplikazio maila horiek nola negoziatu da gakoa terrorearen kontrako gerrari irtenbide egokia bilatu ahal izateko. Filipinak: hain urrun, hain gertu Uharteetako literatura gehiena gazteleraz eta ingelesez idatzia izan da kolonialismo garaitik, baina tagalogak bere unea bizi du orain. Lualhati Torres Bautistaren hainbat obra une on horren isla eta froga argiak dira. Lualhati Torres Bautista (ezkerretik hasita bigarrena), lagun batzuekin. Tagaloga darabilten idazleen artean estimatuenetakoa da. Hiru aste eskas igaro da Haiyan tifoiak Filipinak gogor jo zituenetik, lau mila inguru heriotza, 1.598 desagertu eta 18.175 zauritu eraginez. Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, 600.000 lagun inguruk galdu dituzte beren etxebizitzak eta, ondorioz, beste zonalde batzuetara joan behar izan dute. Halako hondamendiak gertatzen direnean, komunikabideen bitartekaritza dela medio gertuko sentitzen dugu geografikoki urrun kokaturik dauden gizabanakoen sufrimendua. Are gehiago, hondamendiaren aurretik gure pentsamenduan batere tokirik ez zuten bizitzak, istorioak eta historiak posible izateko aukera ez ezik errealitate bihurtzen dira. Filipinen kasuan, baina, ezin esan daiteke Euskal Herritik erabat urrun daudenik. Akaso ahaztu egin dugu, nahita edota herentziaz (Marianne Hirschek memoria herentzian jaso daitekeela argudiatzen duen bezala, amnesiarekin ere beste horrenbeste gerta daitekeela esan dezakegu), bi geografia horiek lotzen dituen iragan koloniala —Miguel Lopez de Legazpi izenak agian ez du esanahi berezirik izango guretzat, baina Filipinetan ongi asko ezagutzen dituzte gizon horrenak—. Bizi esperientziari atxikita dagoen jakintza da, kolonialismoak dena irensten baitu: iragana, oraina eta, tentuz ibiltzen ez bada bat, baita etorkizuna ere. Era berean, euskal presentzia Filipinetan ez da iraganeko izen baten kontua soilik: iraun irauten du, abizenetan, hitzetan, toki izenetan, ohituretan. Euskal presentzia Filipinetan, baina, egitura zabalago baten barruan ulertu eta aztertu beharra dago. Espainiako inperioak uharteak bere egitea erraztu zuten Legazpiren ahaleginek. Filipinetako literaturaren gaineko historiek esaten dute gaztelerazko literaturak urrezko aroa ezagutu zuela kolonialismo garaian. XIX. mende amaieran, ordea, Ameriketako Estatu Batuen eta Espainiaren arteko gerraren ostean hain zuzen, ingelesa nagusitu zen eguneroko bizitzan zein letretan. 1898an Parisko hitzarmena sinatu zuen Mendebaldeko bi potentziek gerrari amaiera emanez, eta une horretatik Filipinetako uharteak AEBen eskuetara igaro ziren. 1901ean hezkuntza publikoa instituzionalizatzearekin batera ingelesa irakasteko hizkuntza bihurtu zen. 1946an independentzia lortu zuten Filipinek. Ordutik, ingelesa eta tagaloga dira hizkuntza ofizialak. Aginte koloniala edozein zelarik ere, tagaloga beti egon da presente. Hala ere, ingelesez sorturiko literatura arras ezaguna den bitartean literatura indigenarekiko ezezagutza handia dago uharteetan. Batetik, azken mendera arte gehienbat ahozko formetan aurkitu duelako adierazpide. Bestetik, uharteak 1521ean «deskubritu» zituztela eta Filipinen historia orduan hasi zela delako uste nagusia. 1960 eta 1970eko hamarkadetan indarra hartu zuen mugimendu nazionalistak «nortasun filipinarra» berreskuratzea xede hartuta tagalogez sorturiko lanak ezagutzera ematen hasi zen, hain artean, Florante at Laura(izenburu osoa: Pinagdaanang Buhay nina Florante at Laura sa Kahariang Albanya: Kinuha sa madlang 'cuadro histórico' o pinturang nagsasabi sa mga nangyayari nang unang panahon sa Imperyo ng Gresya, at tinula ng isang matuwain sa bersong Tagalog; euskaraz: Florante eta Lauraren historia Albaniako erresuman: Greziar inperioaren hastapenetan gertatu zenari buruzko zenbait pasarte historikotatik abiatuta, Tagalog bertsoan errimatzeko egokituak), Francisco Baltazarrek (Francisco Balagtas y de la Cruz benetako izenez, 1788-1862) idatzitako lan epikoa. Tagalog literaturaren erreferente bilakatu den horretan, Albaniako erresumako Florante dukearen ibilerak kontatzen zaizkigu, nola aita galdu ostean Adolfo kontea bera hiltzen saiatzen den botereaz jabetzeko, baina Pertsiako Aladin printzearen laguntzaz erresuma eta bere bihotzeko kuttuna berreskuratzen dituen. Tagalog literaturak izan du bilakaerarik ordutik. Nazioaren interesen tresna bihurtzen den edozein literaturak bezala, une makalak bizi izan ditu, baina gaur egun espiritu kritikoz dir-dir egiten du. Adibide moduan hiru lan aipa daitezke, hirurak Lualhati Torres Bautistak (Manila, 1945) idatziak: 'GAPÔ (1980), Dekada '70 (1983), eta Bata, Bata… Pa'no Ka Ginawa? (1988, Ume, ume… nola izan zinen sortua? ). Marcosen erregimen urteak dituzte ardatz hiru nobelek; independentziatik uharteetako biztanleek jasan dituzten bidegabekeriak azaltzen dituzte hirurek. Bautistaren aburuz, irakurle filipinar gazteek jakin beharreko kontuak dira hauek. 'GAPÔ-k zehazki AEBek Filipinetan dituzten base militarren atzean dauden interes politikoak ditu hizpide, haien inguruan bizi diren herritar arrunten ikuspuntutik. Bata, Bata… Pa'no Ka Ginawa? nobelak, berriz, emakumeen egoera gaur egungo Filipinetan aztertzen du ama langile, aktibista, ezkongabe baten esperientzietan oinarrituta. Dekada'70, hiruretatik ezagunena (zinemara egokitu zuen Chito S. Roñok 2002an), izenburuak adierazi bezala 1970eko hamarkada gatazkatsuan giroturik dago. Klase ertaineko familia bat (Amanda Bartolome eta haren bost seme-alabak) dira protagonista. Testuingurua, berriz, herria erradikalizatu eta Marcosen gobernuari aurre egitea posible egin zuten gertaerak (Miranda plazaren bonbardaketa, habeas corpus-aren indargabetzea, gerra-legeen ezarpena, ausazko atxiloketak). Inperioak erantzun egiten du Herman Melvilleren 'Moby Dick' berridatzi egin du Kim Scottek bere azken lanean, 'That Deadman Dance' eleberrian, balea arrantzaren gaineko ikuspuntu aborigena eskaintzeko. BERRIA Aurkezpenik ez du behar Moby Dick (1851) nobelak. Pequod bale-ontziaren ingurukoak arras ezagunak zaizkigu, Herman Melvilleren liburua bera irakurtzetik ez bada hartan oinarrituriko filmaren bidez —azken hori John Hustonek zuzendu zuen, 1956an—. Nobelaren gaineko irakurketen artean ezagunenak akaso Melvilleren lana gizakiaren eta naturaren arteko borrokaren zein Ameriketako Estatu Batuak sorreratik bertatik gidatu duten obsesioen adierazpentzat dutenak dira. Batak ez du bestea baztertzen. Hain zuzen, AEBen historia, Mendebaldeko edozein nazio-estaturenaren antzera, suntsipen historia bat da. Pequod izena lurralde horretan bertan 1638an kolonoek zenbait indigenaren laguntzaz desagerrarazitako indiar tributik dator. Ontziko eskifaia hogeita hamar gizonek osaturik dago —Batasuna hogeita hamar estatuk osaturik zegoen Melvillek nobela idatzi zuenean—, eta haien artean nazionalitate eta arraza aniztasuna da nagusi. Harrapakin nagusia balea zuri erraldoi bat da, nobelari izena ematen dion Moby Dick bera, aurreko enkontru batean ontziko kapitaina, Ahab, elbarritu zuena haren hanketako bat moztuz. Ekintza berez eroa da; hondamendia beste amaierarik ezin dezake izan. Pequod-eko eskifaiak jakin badaki hori, eta hala ere. Hala ere, hainbat mendez balea arrantza Mendebaldeko ekonomiaren motor izan zen, herrialde gutxi batzuen aberastasuna itsas faunaren suntsipenean eta kolonialismoan oinarrituta egon arren. Balea arrantza Mendebaldeko herrialdeak (Ipar Amerika, Ingalaterra, Irlanda, Eskozia, Euskal Herria bera) bestelako kultur eta mundu ikuskerekin harremanetan jarri zuen jarduera transnazionaltzat aurkeztu izan zaigu historia liburuetan. Mendebaldarron iruditerian jarduera arriskutsu bezain ohoragarri bezala agertzen da; haren arabera neurtu izan dugu gizonen eta haien herrialdeen adorea eta handitasuna. Balea arrantzak, baina, komunitate indigenen desplazamendua eta desagerpena eragin zuen. Indigenen esperientziak bigarren planoan agertu ohi dira Mendebaldeko diskurtsoan, agertu egiten badira inoiz; gu-ak bere existentziarako behar duen beste-a da indigena, lekukoa baina isila. Balea arrantzaren atzean ezkutatzen den inperialismoaren basakeria hain ondo deskribatzen duen Moby Dick ez da, indigenen ikuspuntua ukatzeko orduan, salbuespena. Indigenen begietatik That Deadman Dance (2010) nobelak bestela planteatzen du balea arrantzaren industria. Kasu honetan, indigenen esperientziak gidatzen du narrazioa. Liburuaren egilea bera, Kim Scott (Perth, Australia, 1957), Australiako mendebaldean jatorria duen Noongar komunitateko kide da. Orain arte argitaraturiko lanetan, True Country (1993), Benang: From The Heart (1999) eta Kayang and Me (2005), aborigenen ikuspuntuari heldu dio batik bat azal argiko aborigenen artean gertatzen diren nortasun gatazkak (Scotten ama zuria da) zein Australiako gobernuaren politika asimilazionistak XX. mendearen lehen hamarkadetan azaltzeko. Ahozko tradizioa arras baliagarria izan zaio zeregin horretan. That Deadman Dance-n, ordea, artxibo lanak pisu handiagoa izan du. Nobela XIX. mendeko Australiako mendebaldean kokaturik dago. Garai hartan, King George Town (gaur egungo Albany) eta haren badia, King George Sound, balea arrantzara dedikatzen ziren nazionalitate ezberdineko taldeen topagune zen —artxiboen arabera, 1840an seiehun baleontzi inguru zebiltzan Ozeano Barean—, eta horren harira muga adiskidetsua izendatu izan dute zonalde hori historialariek. King George Town inguruan jaio eta hazitako Noongar jendearentzat, ordea, adiskidetsutik gutxi izan zuen balea arrantzale zein kolonoekiko enkontruak. That Deadman Dance-ko protagonistak, Bobby Wabalanginy izeneko mutikoak azaltzen duen bezala, aborigenek errespetuz tratatu zituzten etorri berriak hasieran. Bobby bera haien adiskide egiten da, balea arrantzan laguntzen die eta uhartean barna gidari zaie. Trukean hizkuntzak ikasten ditu, eta eguneroko bizitzan baliagarriak zaizkion tresnak eskuratzen ditu. Baina denborarekin kolonoak anbiziotsu egiten dira; lur gehiago nahi dute, eta beren legeak inposatu nahi dituzte. Lur-desjabetzeak ez ezik gaixotasuna ere badakar kolonoak: nobelaren izenburuak tuberkulosiak jota hiltzear diren kolono zurien mugimenduari egiten dio aipamen, aborigenek imitatzea gustuko duten mugimendua dantza delakoan. Mendebaldeko literatur tradizioan pisu handia duen lan baten berridazketa aborigena den aldetik, That Deadman Dance Deleuze eta Guattariren literatura txikia-ren kontzeptuaren adibide dela esan daiteke. Literatura txikia gertaera subertsiboa edo iraultzailea da, hizkuntza nagusi baten barruan literatura txiki batek eraikitako literatura delako. Literatura postkolonialaren adibide garbia ere bada, Bill Ashcroftek, Gareth Griffithsek eta Helen Tiffinek The Empire Writes Back (2002) liburuan, izenburutik bertatik, eskaintzen duten definizioari jarraituz gero: inperioari erantzun egiten dion liburua da, inperioaren beraren hizkuntza erabilita. Era berean memoria, Michael Rothbergek teorizatu bezala, norabide anitzekoa dela azaltzen du Scotten nobelak: Australiako aborigenen jazarpena Ipar Amerikako indigenek pairaturikoarekin harremanetan jartzen du Bobbyren adiskide bat irakurtzen ari den James Fenimore Cooperren The Last of The Mohicans (1826) lanaren bidez. Burmuinari neurria hartzen Burmuina ardatz duten ikuspegiek indar handia hartu dute humanitateen arloan; literaturak ere bere egin ditu planteamendu horiek neuronobelaren bidez. A.S. Byatt idazlea, A Whistling Woman nobelaren egilea. Azken bi hamarkadetan burmuina ardatz duten ikerketak ugaritu egin dira zientzien arloan, eta humanitateetan ere indar handiz sartu dira alderdi neurologikoekin zerikusia duten ikuspegiak. «Eztanda neurologikoak» ez du lortu baztertzerik psikoanalisia, humanitateen planteamendu teoriko kuttunetako bat den hori —nahiz eta psikoanalistek mesfidantzaz ikusten duten akademikoen esku hartzea beren esparruan, haien ustea baita psikoanalisia errazkeria handiz aipatu eta erabiltzen dela, eta neurri batean arrazoi dute—. Aitzitik, Freudek eta Lacanek adimenari egin ekarpena gutxietsi gabe, azkenaldiko bira neurologikoaren helburua da psikoanalisiaren izen handiek aztertu gabe utzi zuten alderdian, hots, organoan bertan, sakontzea. Bere testuetan Freudek aitortzen du adimenarekiko interesa bere garaian zegoen hutsune bati erantzunez piztu zitzaiola. Hala ere, ez zen inoiz bere helburua izan alderdi fisiologikoa gutxiestea; prestakuntzaz neurologoa izanik, jabetzen zen alderdi anatomikoen garrantziaz. Are gehiago, hamarkada baten buruan bi alderdiak, adimena eta burmuina, aldi berean eta elkarri lotuta aztertuko zirela aurrikusi zuen. Tamalez, hamarkada bat baino gehiago behar izan da Freudek ezinbestekotzat jotzen zuen ikerketa mota abian jar zedin. Zorionez, epe laburrean aurrerapen handiak egin dira, eta literatura bera, guri interesatzen zaigun arloa, hasi da emaitza horiek erregistratzen. Neuronobela da horren lekuko. Bada argudiatzen duenik ez dela berria neuronobela kontzeptua. Ez ote zen literatura modernistaren helburua, kontzientzia jario teknikaren bidez besteak beste, burmuina eta adimena disekzionatzea? Zentzu horretan, bere garaian kontzientzia nobela, nobela psikologikoa zein aitorpen nobela izendatu zen horren aldaera baino ez da (gauza bera ez bada) neuronobela. Horren berezitasuna, baina, hizpide dituen kasuetan dago. Izan ere, burmuinaren disfuntzioaren ondorioz (dela arrazoi fisiologikoengatik dela esperientzia traumatikoengatik) normaltzat jotzen den jokabidetik kanpo dauden kasuetan interesaturik dago, kasu klinikoak edo patologikoak diren horietan alegia, hala nola amnesia, bipolaritate eta nortasun nahasmenduak, orain arte gehien jorratu diren batzuk aipatzearren. 1997tik hona neuronobelaren adibide dezentek ikusi dute argia. Haien artean daude, besteak beste, Ian McEwanen Enduring Love (de Clerambault-en sindromea du hizpide) eta Saturday (Huntington-en gaixotasuna), Jonathan Lethemen Motherless Brooklyn (Tourette-n sindromea), Mark Haddonen Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia (autismoa), Richard Poweresen The Echomaker (aurpegi-agnosia, Capgras sindromea), Rivka Galchenen Atmospheric Disturbances (Capgras sindromea berriro ere) eta John Wrayren Lowboy(eskizofrenia paranoikoa). A.S. Byatten (Antonia Susan Duffy benetako izenez, Sheffield, Ingalaterra, 1936) A Whistling Woman (2002) ere neuronobelaren kategoriari lotzen zaio, baina, aurreko lanetan ez bezala, kasu jakin batzuetan oinarritzeaz gain, bira neurologikoaren hastapenak deskribatzen ditu narrazioan zehar. Ildo horretan, Byatten lana neuronobelaren emaitza eta hura posible egin duten kezken artxibo da aldi berean. Tetralogia baten azken atala da A Whistling Woman. Haren aurretik The Game(1967), The Virgin in the Garden (1978), Still Life (1985) eta Babel Tower (1996) argitaratu zituen Byattek. Funtsean, nobelak 1960ko hamarkadan zientzia eta humanitateen arloan puri-purian zeuden eztabaidak ditu ardatz, gorputz eta adimenaren inguruko ikerketa zein mugimenduetatik (psikoanalisiaren sendotzea, neurologiaren lehen urratsak, mistizismoa) eta telebistaren indarrean sartzeak giza pertzepzioan izan zuen eragineraino. Kritikak Frederica Potterren nobelak izendapena eman dio tetralogiari, haren ustea baita pertsonaia horren inguruan dihardutela denak. Egia da Frederica Potterrek pisu handia duela nobeletan, XX. mende erdialdean etxeko bizimodu sinpleari bizkarra eman eta mundu akademikoan sartzea lortu zuten emakume gutxi horien adibide den aldetik, baina nobelako gainerako pertsonaiak ere funtsezkoak dira narrazioari begira, bakoitza kasu kliniko moduan aukeztu eta aztertzen baita. Hain zuzen, A Whistling Woman-en lorpen handiena da pertsonaia bakoitza, bai normaltzat jotzen den hori bai normaltasunetik kanpoko jokabidea erakusten duen hori (gertaera traumatiko baten ondorioz irudipenak dituen Josh Ramsden bezala), kasu moduan aurkeztearen bidez lausotu egiten duela normala eta ez-normalaren (arrazionala eta ez-arrazionalaren) arteko muga, eta burmuinaren inguruko aferen konplexutasuna agerian utzi. A Whistling Woman-ek erakusten du neuronobelak ahalmen handia duela errealitatearen konplexutasuna (betiere burmuinaren ikuspuntutik) azaltzeko orduan, baina arriskuak ere baditu eta horietan nabarmena da eroa fetitxe bihurtzearen kontua. Dibertsitate eta tolerantzia gaizki ulertuen izenean joera izan da erotzat hartua den hori dohain ezkuturen bat duen subjektu gisa aurkeztea, eroa gizartearen onarpena irabazi behar duen X-Men bihurtuz. Oliver Sacksen lanak badu horretatik zerbait, eta zineman adibiderik argiena (baina ez bakarra) Rain Man da. Dena den, afektu kontuen inguruan luze idatzi duen Ronald de Sousak filosofoak esaten duen bezala, giza aferetan sakontzeko orduan literatura bezalakorik ez dago, zientziak ez bezala, kasuak aukeztearekin batera haien gainean espekulatzeko aukera baitu. Bi mutil, maitasunagatik igerian Nazioaren mugekin obsesionaturik ez dagoen literatura indarra hartzen ari da Irlandan. Jamie O'Neillen 'At Swim, Two Boys' adibideetako bat da. Earthfall dantza konpainiak At Swim, Two Boys nobelan oinarritua zuen dantza ikuskizunaren afixako irudia. Irlandako literatura aipagai denean iraganari buruz ikuspegi nostalgikoegia eskaintzen duela izaten da komentario nagusia. Gauzak aldatu dira azken hamarkadan, baina. Literatura kontu nazionala dela irizpideari aurre eginez bestelako literatura bat agertu da azken hamarkadan, literatura pluralagoa. Kritikaren aburuz, 2001. urtea giltzarri izan zen Irlandako letren bilakaera prozesuan. Urte horretan bertan ikusi zuten argia gaur egun irlandar literaturako obra onenetakoak kontsideratuak diren batzuk, hala nola Jamie O'Neillen At Swim, Two Boys, Nuala O'Faolainen My Dream of You, Dermot Bolgerren The Valparaiso Voyage, Eoin Colferren Artemis Fowl zein John Connollyren The Killing Kind. Ausartegia litzateke esatea literatura berri hau nazio egituratik erabat aske dagoela. Azken batean, «irlandar» zigilua darama hark ere, geografia ulertzeko modu jakin bati loturik dago alegia. Baina O'Faolain, Bolger eta enparauen literatura ez dago nazioaren mugekin obsesionaturik, muga horiek malguak eta porotsuak direlako. Horrek Irlandatik kanpoko paisaiei (materialak zein ez-materialak), nostalgia edo gorrotoa ez diren afektuei toki egitea ahalbidetu dio, eta barrura begira jartzen denean modu kritikoan egiten du. O'Neillen At Swim, Two Boys da azken horren adibide. Dublinen, 1916ko Pazko matxinadaren garaian kokaturik dago At Swim, Two Boys. Funtsean, Jim Mack eta Doyler Doyle izeneko bi neraberen arteko maitasun istorioa da nobela, maitasun istorio debekatua egokitu zaien garai eta tokiagatik. XX. mende hasierako Irlanda katolikoan homosexualitatea gogor zigortzen dute; hain zuzen, Jim eta Doylerren harremanean rol garrantzitsua beteko duen Anthony MacMurrough jokabide «lotsagarriagatik» lan-behartu zigorra betetzetik itzuli berria da nobela hasten denean. Homosexualitatearen kontrako jarrera ez da erlijio kontua soilik; arazo soziala eta politikoa ere bada, independentziaren aldekoek ere gaitzetsi egiten baitute familia nuklearraren egiturarekin, nazioaren oinarrietako bat hura, bat ez datorrelako. Hala ere, Jim eta Doylerrek bestelako aberria eraikitzea erabakitzen dute eta lehen urrats modura Pazko egunean Muglins izeneko arrokaraino igeri egitea adosten dute, maitasunaren izenean konkistatzeko hura. MacMurroughen ikuspuntutik bi mutilen plana arriskutsua eta inozoa da aldi berean. Muglins arrokara heltzeko itsas korronteei aurre egin beharko diete eta Jim ez da igerilari trebea. Bestetik, giroan nabari da herria armak hartzeko prest dagoela Ingalaterraren kontra eta behin matxinada hasita gizonezkoak, gazte zein heldu, mobilizatuak izango dira. MacMurroughek hedonistatzat du bere burua; Oscar Wilde benetako irlandarra, historian bakarra, izan zela uste du bere modura bizi izan zelako. Baina aitortu egiten du inbidia ematen diola Jim eta Doylerren ameskeriak. Jimi galdetzen dio zergatik den hain garrantzitsua Muglins arrokaraino igeri egitea. Jimek erantzuna da Doyler dela bere aberri bakarra, eta arrokaraino iristea beren maitasunagatik borrokatzearen pareko dela. MacMurroughek zera pentsatzen du, nolakoa izango litzateke mundua Jimen modukoek gidatuko balute, aurreiritzirik gabe, maitasunaren izenean. Horrelako herrialde baten kide izateko eragozpenik ez luke izango. Irlandaren independentziaren alde bizia galtzeko prest daudenentzat maitasuna nazioari bakarrik zor zaio. Ingalaterra bere zoritxar guztien sorburutzat dute, ohartu gabe Irlanda ez dela hain errugabea, ekintza kolonialei begira Ingalaterrarekiko konplizitate handia erakutsi baitu. Jimen aita harro dago Boer gerran irlandar destakamentuak jokatu zuen rolagatik, baina barru-barruan badaki Britaniar inperioaren garaipena taktika ikaragarrietan oinarritu zela. Are gehiago, gerra oro da krudela, suntsipena besterik ez dakarrelako. Eta heriotzak. Seme zaharrena Lehen Mundu Gerran galdu berri du. Horregatik ez da Irlandar Herritarren Armadarekin fidatzen, militarismoaren eta maskulinitatearen izenean mintzo direlako. «Ingeles» izendapena iraina balitz bezala erabiltzen dute, ohartu gabe ingelesei aurpegiratzen dieten xenofobia bera erakusten dutela beren esanek. «Irlandartasuna» ez da «ingelestasuna» baino benetakoagoa —biak dira fikziozko bezain zilegi. Jack Macken modukoek independentzia lortu nahi dute, baina modu lasaian, odolik isuri gabe. Era berean, ez dute uneko egiturekin erabateko haustura gertatzerik nahi; gobernu propioa nahi dute, baina «betiko» balioei bizkarrik eman gabe. Funtsean, Macken planteamendua ez dago Eveline MacMurroughek amesten duen naziotik urrun. Klase sozialak bereizten ditu (bere garaian dirua eta eragina zuen familia aristokratiko baten kide da Eveline; Jimen aita dendari xumea da), baina antzeko ideiak dituzte. Erlijioaren garrantzia azpimarratzen dute biek eta ordena mantentzea, hots, hierarkiak. Hogeigarren mendean idatzitako gay literaturako lan askoren antzera (The Well of Loneliness, Maurice, Giovanni's Room) modu tragikoan amaitzen da At Swim, Two Boys. Okerra litzateke, ordea, iraganeko kontutzat ulertzea Jim eta Doylerren harremana zapuzten duen intolerantzia. O'Neillen lanak inguratzen gaituen errealitatea, hura osatzen duten ideiak aztertzeko gakoak ematen dizkigu ariketa horrek bestelako mundua sortzen lagunduko duelakoan. Uztailaren 17an hasi zen gerra Espainiako gerrak mundu osoko milizianoak erakarri zituen Francoren indarren kontra borrokatzeko. Haien artean izan ziren idazleak ere, gerraren berri liburuen bidez eman zutenak. Gerran borroka ez ezik sufrimendua ere handia izan zela nabarmendu zuten Espainiako gerran ibili ziren idazleek. BERRIA Iragan uztailaren 17an, zenbait komunikabidek gogora ekarri zuten orain dela 77 urte gertaturikoa. Hots, Francisco Franco jenerala buru zuten tropek Marokon abiaturiko altxamendua, Espainiako gerrari hasiera eman ziona. Ordutik 1939ko apirilaren 1 arte, milaka pertsonak bizia galdu zuten, beste hainbatek erbestera jo behar izan zuten, eta kalte materialak ere handiak izan ziren. Faxismoaren mehatxuarekin kezkatuta, zenbait idazlek eta intelektualek nazioartean salatu zuten Iberiar penintsulan zer gertatzen ari zen, Errepublikaren alde borrokatzen ari zirenentzat babesa eta laguntza lortu nahian. Idazle eta intelektual horietako batzuk, gainera, boluntario joan ziren Francoren tropen kontra borrokatzera. Gehienak zerbait ona, handia egiteko itxaropenarekin lotu zitzaizkien talde errepublikanoei. Gerrak, baina, ezer gutxi du ohoragarritik; gerra suntsipena da, heriotza, eta halaxe egiaztatu zuten idazle eta intelektual idealista haiek. Altxamendua gertatu zen urte bereko abenduan bat egin zuen George Orwellek (1903, Motihari, India-1950, Londres) POUM, Errepublikaren aldeko Batasun Marxistaren Langile Alderdiko miliziarekin. Bartzelonara heldu eta berehala, egoeraz idazteko asmoa zuela azaldu zion Alderdi Laborista Independenteko ordezkari John McNairri, Erresuma Batuko eta Frantziako langileen iritzia asaldatzeko. 1937ko ekainean, Stalinen kontrako alderdia izaki, POUM legez kanpo utzi zuen Alderdi Komunistak, eta, ondorioz, Orwellek herrialdetik alde egin behar izan zuen, atxilotua ez izateko. Baina frontean igarotako hilabeteak gogoan, gerrari buruzko lehen lanetako bat osatu zuen, Homage to Catalonia(1938). Liburuaren lehen argitalpenak mezu argia zabaldu nahi zuen azaletik bertatik: bertan, lehen planoan, ukabila bat agertzen zen; haren atzean, erdi erorian zegoen eraikin bat ikus zitekeen. Borroka eta suntsipena, konpromisoa eta sakrifizioa. Ikuspuntu pertsonal batetik kontatu zuen egile ingelesak gatazka. Gerran aritutako beste idazle handietako bat dugu Andre Malraux (1901, Paris-1976, Creteil, Frantzia). Bigarren Mundu Gerra bukatuta Charles de Gaulleren gobernuan Informazio eta Kultura ministro izango zenak Itxaropena idatzi zuen frontean bizi izandakotik abiatuta (L'Espoir, 1937; Karlos Zabalak euskarara itzulia 2008an). Madrilen hasten da nobela, 1936ko uztailaren 18an, Manuel izeneko komunista jaioberri baten urratsei jarraituz. Beste hainbat pertsonaia ere agertzen dira lanean, baina funtsean Manuel da protagonista. Are gehiago, batzuek esan dute bildungsroman baten traza duela nobelak, Manuelen bilakaera pertsonalaren berri ematen duen aldetik: soinu teknikari gonazale arduragabe bat izanik, teniente koronel bihurtuko da bederatzi hilabeteren buruan, hots, nobelak jasotzen duen epean. Le Figaro-rako idatzitako artikulu batean, François Mauriacek argudiatu zuen azken finean Manuel heroi antifaxistak «milizianoaren itzulera» errepresentatzen zuela. Ernest Hemingwayk, berriz, (1899, Oak Park, Illinois, AEB-1961, Ketchum, Idaho, AEB) 1939an idatzi zuen For Whom the Bells Toll (Norengatik ari da kanpaia), Kuba eta Idaho artean, eta urtebete geroago argitaratu zuen. Nobela bera, baina, gerran berriemaile berezi moduan igaro zuen denboran oinarrituta dago. Guadarramako mendikatean lau egunez gertatutakoa jasotzen du lanak, Robert Jordan izeneko pertsonaiaren ikuspuntutik. Hemingway bera bezala, berriemaile berezi joan da Jordan gerrara, baina esperientzia handiko dinamitatzailea denez, errusiar jeneral baten aginduz zubi bat suntsitzea egokituko zaio, tokiko gerrilla antifaxisten laguntzarekin. Gerrillen kanpamentura heltzean, Maria ezagutuko du, gerra hasieran gurasoen exekuzioaren lekuko izan zena eta falangistek bortxatu zutena. Jordanek arazoak izango ditu gerrillako buruarekin, Pablorekin, ekintza aurrera eramateko eragozpenak baititu, kaltetuta aterako den beldur delako. Hitzeko gizona izanik, estatubatuarrak leherketa aurrera eraman nahiko du, baina Mariak bizitzarekiko ilusioa berpiztu dio, eta bera ere zalantzan hasiko da gerran hainbeste inplikatzea merezi ote duen ala ez. Jordanen dilemaren harira, gizabanakoaren eta komunitatearen, konpromisoaren eta zoriontasunaren gainean gogoeta egiten du For Whom the Bells Toll-ek. Orwell, Malraux eta Hemingway ez bezala, izan ziren gerrara joan beharrean gerra bila joan zitzaien idazleak. Halaxe gertatu zitzaion Georges Bernanosi (1888, Paris-1948, Neuilly-sur-Seine, Frantzia). Gerra piztu zenean, idazleak urtebete zeraman Mallorcan bizitzen, eta han jazotako izugarrikerien lekuko izan zen. Kopuruak oraindik behin betikoak ez diren arren, kalkulatzen da hiru mila lagun inguru akabatu zituztela nazionalek irlan, eta exekuzio horien berri ematen du Bernanosek Les Grands Cimetières sous la lune lanean (1938). Handik ez oso urrun, Eivissan, beste horrenbeste egin zuen Elliot Paulek (1891, Linden, Massachusetts, AEB-1958, Providence, Rhode Island, AEB): Santa Eularia des Riu herrixkan —1931tik idazlearen eta bere familiaren bizileku— ikusitakoa jaso zuen Life and Death of a Spanish Town liburuan (1937, Espainiako herri baten bizitza eta heriotza). Ezin genezake aipatu gabe utzi gerra indarrean zela Alemanian sorturiko obra bakanetako bat: Bertold Brechten Die Gewehre der Frau Carrar (1937, Carrar anderearen errifleak), ekitaldi bateko antzezlana. Egiptoko emakumeak euren ahotsean Orientalismoaren arabera, Mendebaldeak Ekialdea esentzializatzen du, eta horren parte diren gizarteak garatu gabeko gizartetzat jotzen ditu. Horren aurka idatzi dute Ahda Soueifek eta Miral al-Tahawyk. Ahdaf Soueif eta Miral al-Tahawy idazle egiptoarrak. BERRIA Duela astebete Tahrir plazan (Kairo, Egipto) jazotako emakumeen kontrako sexu erasoen harira Joyce Carol Oatesek Twitter bidez egindako adierazpenek hautsak harrotu dituzte Egipton. Egile estatubatuarraren arabera, delitu egileen jaioterrian nagusi den erlijioarekin zerikusia dute bortxaketek. Hots, islamak sexu erasoak posible egiten dituela, haren parte direla, esatera zetorren Oates. Blonde (2000) nobelaren egilearen hitzak Mendebaldeak sexismoa (sexu erasoak barne) «besteren» arazo bilakatzeko duen joeraren adibide argia dela salatu dute Egiptoko hainbat idazlek —gizonezkok zein emakumezkok—, Mendebaldean bertan sexismo kasurik gertatuko ez balitz bezala. Oatesen adierazpenek, baina, zerbait gehiago azalaratu dute: islama «bestearen» erlijio moduan aurkezten dute eta, ondorioz, islama gaiztoa dela iradokitzen dute; ordea, Mendebaldea kristaua da, eta kristautasuna bera, ona. Baina Mendebaldearen eta islamaren arteko harremana ez da azken urteotako fenomenoa; aitzitik, islama mendeetatik da Mendebaldearen erlijioa, kristautasuna eta judaismoa diren bezala, Oatesek gustuko izan ala ez. Ildo berean, sexismoa eta sexu erasoak arazo globala dira, eta Tahrir plazan gertaturikoa horren adibide baino ez da. Edward W. Saidi zor diogu Oatesen moduko (aurre)iritziak deskribatzen dituen kontzeptua: orientalismoa. Saiden arabera, Mendebaldeak Ekialdea esentzializatu egiten du, eta horren parte diren gizarteak garatu gabeko gizartetzat jotzen ditu. Aldiz, Mendebaldeko gizarteek kontrakoa adierazten dute: garatuak dira, arrazionalak, malguak eta hobeak. Orientalismoaren aurka idazten aritu dira Ahdaf Soueif (Kairo, 1950) eta Miral al-Tahawy (Al Sharqia, 1968) egiptoarrak hasiera-hasieratik, bakoitza bere moduan. Idazle ez ezik, ekintzaile politikoa ere bada Soueif; Egiptoko kontu politikoen inguruan idazten du maiz prentsan, eta 2012ko urtarrilean Egiptoko Iraultzako lehen urtea hizpide zuen Cairo: My City, Our Revolution (Cairo: nire hiria, gure iraultza) argitaratu zuen. Soueifen bigarren nobelak, The Map of Love (Maitasunaren mapa, 1999), Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko komunikazio arazoen eta elkarrekiko ezezagutzaren gainean dihardu. Gaur egungo Egipton, AEBetako emakume gazte bat, Isabel, Amal izeneko Egiptoko emakume baten lagun egiten da, haren laguntza behar baitu birramonarengandik oinordetzan jasotako gutunak eta egunerokoak inglesera itzuli ahal izateko. Dokumentu horiek, hain zuzen, XX. mende hasieran —Egipto Britania Handiaren kolonia zen garaian— birramonak Egiptoko gizon batekin izandako harremanaren berri ematen dute. Nobelak aurrera egin ahala, eta Amalek testuak arabieratik inglesera itzuli bitartean, irakurlea ohartuko da XX. mende hasieran Mendebaldearen eta Ekialdearen artean zeuden arazoak —hizkuntza eta kulturari begira, batik bat— gaur egun bi errealitate horien artean dauden berberak direla. Amal konturatzen da zaila dela hizkuntza batetik bestera, kultura batetik bestera itzultzea, «ia ezinezkoa zinez», eta testuak zailtasun horixe azalaratzen du inglesa, frantsesa eta arabiera (hots, Egiptoren parte diren hizkuntzak) tartekatuz. Izan ere, The Map of Love-k ez du ezkutatu nahi ezberdintasuna negoziatzea zeinen zaila den, eta, errazkeria saihestuz, konplexutasunaren alde egiten du. Soueifen lanek, oro har, Egiptoko errealitate hiritarra eta erdiko klaseak dituzte hizpide. Oso bestelakoa da Miral al-Tahawyk bere nobeletan aurkezten duen Egipto. Al-Hanadi tribu beduinoko kide da Tahawy, eta txikitatik ezagutu duen mundua, beduinoen mundua, alegia, azaltzen du Al-Khibaa (Denda, 1996) eta Al-Badhingana al-zarqa (Alberjinia urdina, 1998) lanetan. Batean zein bestean amona tirano eta autokrata bat ageri da, patriarka kanpoan denean burdinazko eskuz agintzen duena. Beduino gehienak merkatariak izaki, denboraldi luzeak egiten dituzte etxetik kanpo, umeak eta emakumeak han utzita. Tahawyren aita, gainerako gizon beduinoak ez bezala, nahiko liberala zen. Medikua zen lanbidez, eta Egiptoko kongresu kide. Halere, beduinoen tradizioari jarraituz, familiako emakumeak etxean itxita zeuzkan beti. Idazlearen amonak ezin zuen itxialdia eraman; askatasun kantuak abesten oroitzen du Tahawyk. Duten garrantziaz jakitun Gizonak kanpoan direnean, lurra ereiteaz eta etxeko kontuez arduratzen dira emakumeak, «eta ardura horiek», esaten du Tahawyk, «oldarkor bihurtzen dituzte emakumeak, familia barruan duten garrantziaz jakitun dira. Nolabait, gizonen eta emakumeen agintea bat eta bakarra da. Emakumeak bere generoa gainditu egiten du jazarpen maila txikiagotuz». Gizarte beduinoan emakumeen egoera hain sinplea ez dela agertuz —jazarpena posible egiten duen botere egituran rol aktiboa dute—, Mendebaldean Egiptoko emakumeez eta, oro har, arabiar emakumeez dagoen ustea kolokan jartzen du Tahawyk. Jazarpena egon badago, baina egoera ez da hain sinplea. Hain zuzen, Egiptoko emakumeek inolako babesik ez dutela pentsatzeak —haien ahotsa eta ekintzarako ahalmena ukatzeak— ondorio bakarrera garamatza: Egiptoko idazleek Oatesi erantzun legez, gizon zuriak bakarrik salba ditzake emakumeak, berdin du zein den haien etnizitatea. Anaia Handia begira duzu 'Amazon.com' atariaren arabera, George Orwellen '1984' nobelaren salmentak %12 gora egin du AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA) bultzaturiko espioitza sistema lehen aldiz prentsan agertu zenetik. George Orwell, bere argazkirik ezagunenean. Azken asteetan, The Guardian egunkari britainiarrak AEBetako Gobernuak abiaturiko dei eta mezuen zainketa programa publiko egin zuenetik hain zuzen, Booz Allen Hamilton (BAH) enpresaren akzioek behera egin dute burtsan. Konpainia horrek aipatu programa diseinatzeko enkargua jaso zuen Defentsa Sailetik. Edward Snowden salatzailea, egunotan the whistleblower ezizenagatik ezaguna den pirata informatikoa, konpainia horrexek kontratatu zuen, eta espioitza eskandaluaren tamaina kontuan hartuta, BAHren kotizazio datua ez da harritzeko modukoa. AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA) estatubatuarren pribatutasun eskubideari egindako erasoak liburu baten salmentan izan duen eragina, hori bada harrigarria. Amazon.com atariaren arabera, George Orwellen 1984 (1949) nobelaren eskariak %12 gora egin du NSAk bultzaturiko zainketa sistema lehen aldiz prentsan agertu zenetik (iragan astelehenean erregistraturiko kopurua da hori). Batzuen kaltea besteen onura dela esaten dute. Kasu honetan, baina, kaltetuak eta onuradunak zeintzuk diren zehaztea ez da eman dezakeen bezain erraza. Egia da akzioen kontua dela eta BAH galera ekonomiko handia pairatzen ari dela, baina orain arte lortu dituen irabaziak herritarren oinarrizko eskubide baten urraketaren emaitza direla kontuan hartuta, istorio honetan BAH kaltetua baino gehiago onuraduna izan dela ematen du. Are gehiago, AEBetako Gobernuak Snowden epaitu eta Defentsa Sailaren errua ordainaraziko balio, herritarra bi aldiz izango litzateke kaltetu. Orwellen nobelak afera honetatik lortu duen etekinari dagokionez, idazlea aspaldi hil zen, beraz, haren ondorengoek jasoko dute salmenten ordaina; liburu salmentak izan ohi direnari begira nabarmena izan arren, merkatu balioen arabera nahiko xumea izango da, dena den. Hala ere, ezin da ukatu 1984 nobelarekiko piztu den interesa oso esanguratsua dela; interes hori, baina, diru balioagatik baino gehiago gure garaiaz adierazten duenagatik kontuan hartu beharko litzateke ziurrenik. 1946an, David Astor Observer egunkariko editoreak Eskoziako landa-eremuan zuen basetxea Orwelli utzi zion bere hurrengo nobela idazteko. Nobela horri The Last Man in Europe (Europako azken gizona) izenburua jartzea pentsaturik zuen egileak, baina argitaratze unean iritziz aldatu eta 1984 izenburuaren alde egin zuen. Zainketaz eta kontrolaz mintzo den nobela distopikoa da 1984. Anaia Handia Alderdiko burua da, eta haren menpekoek bere irudia gurtzen dute modu itsuan. Anaia Handiaren egiteko nagusia «pentsamendu krimenak» edo ortodoxia politikoaren kontra doazen barne pentsamenduak suntsitzea da, George Bush Jr.-ek hasi eta Obamak bultzatu duen terrorismoaren kontrako gerratik oso urrun ez dagoena. NSAren zainketa programa eta drone edo piloturik gabeko hegazkinen auzia gerra horren tresnetako bi baino ez dira. Orwellek berak azaldu zuenez, indar aliatuek 1944an Teheranen antolatu zuten konferentziak inspiratuta idatzi zuen 1984. Isaac Deutscher Observer egunkariko lankidearen arabera, egilea itsu sinetsita zegoen Stalin, Churchill eta Roosevelt mundua euren artean banatzeko azpilanean zebiltzala Teheranen. Eduki zein formari begira, 1984-ren Yevgeny Zamyatinen (1884, Lebedyan, Errusia-1937, Paris, Frantzia) My (Gu, 1927) lanaren eragina nabarmendu izan dute askok. Sobietar Batasuna bihurtu zen polizia estatuaren satira politikoa da Zamyatinena. Orwellen lanak, baina, plano ugari ditu. H. G. Wellsen sozialismo zientifiko baikorraren kontrako alegatua da, espresionismoaren emaitza edo Carl Jungen arketipo teoriaren literatur adierazpen den bezainbeste. Liburuak argia ikusi zuenean Gerra Hotza bere hastapenetan zen, eta haren eraginez Mendebaldean komunismoaren kontra zabaldu zen ezinikusiak nobelaren arrakasta erraztu zuen, AEBetan batez ere. Isaac Asimoven hitzetan, 1984 nobelak 1930eko hamarkadako Errusia estalinista munduaren jabe egin balitz bezala deskribatzen du errealitatea. Beste erregimen totalitario batzuei ere aipamen egiten die lanak —naziak eta inkisizioa agertzen dira, besteak beste— baina estalinismoak adierazten duen botere mota du batez ere jomugan. Asimovek ez zuen uste 1984 lan ona denik. Nobela bezala «izugarri aspergarria» iruditzen zitzaion, «didaktikoa, errepikakorra eta mugimendu gabea» delako. Hala ere, liburuari zera aitortu zion, gobernuak eta bestelako aginte formek denborarekin hartu duten indarra antzeman izana. AEBetan batik bat 1984-k izan duen eta oraindik ere baduen eragina azaltzeko orduan, Asimovek esaten zuen geroz eta herritar gehiago hasi direla ohartzen «zeinen handi» bilakatzen ari den gobernua, zeinen handi diren ordaindu beharreko zergak, zenbat arau eta kodek gidatzen duten eguneroko bizitza, nola bizitza pribatuko edozein alderdiri buruzko informazioa gobernuaren zein sistema pribatuen artxiboen parte bihurtzen ari den. 1984, beraz, ez da estalinismo edo diktaduraren (modu orokorrean hartuta) kontrako alegatua; gobernua du jomugan. Anaia Handia begira duzu leloa gizabanakoarentzat kontrolatzeko handiegia den edozeren sinonimo bilakatu da. Gobernu handia eta negozio handiak ez dira 1984-ren sintoma bakarrik; zientzia handia, lan handia, edozer handia ere badira. Blas de Otero bere osotasunean Galaxia Gutenberg argitaletxeak 1935 eta 1977 bitartean poetak ekoitziriko lana kaleratu du liburuki batean. Hamabi poema liburu biltzen ditu; haietako zortzi, idazleak bizirik zegoela argitaratuak. Sabina de la Cruz, Blas de Oteroren (1916, Bilbo-1979, Madril) alargunak kontatzen duenez, poetari sarritan joaten zitzaion gogoa haurtzaroko Orozkora. Hangoa zuen ama eta haren aldeko familia guztia. Hantxe zegoen amamaren baserria, eta ortua, eta txikitan hainbeste miresten zituen fruta arbolak. Begiak itxi, eta iruditzen zitzaion amamaren ahotsa entzun zezakeela, simaurretan jolasten ibiltzeagatik berari errietan, baina laster pasatzen zitzaion haserrealdia, eta Blas txikia belaunen gainean jarri eta kontu kontari aritzen zitzaion, aspaldiko istorioak, betiko kantuak, bere hizkuntza zahar ederrean kontatzen. Horrelakoetan poeta triste jartzen zen, ura atzamar artetik joan doan bezala galdu baitzuen euskara, kasik ohartu gabe. Bilbon, gurasoen etxean, gazteleraz mintzatzeko ohitura hartu zuen. Ikasketak ere, jesuiten artean lehenik eta Zuzenbide fakultatean ondoren (Madrilen eta Valladoliden), erdaraz egin zituen. Ulertzekoa denez, estreinako poemak gazteleraz idatzi zituen, baita gerora etorri ziren gainerakoak ere. Baina De la Cruzek esaten duenez, bizitza osoan presente eduki zuen euskara. Galdutako ondarea. Horregatik miresten zuen Gabriel Aresti, hutsetik abiatuta euskara ikasteko adorea, borondatea, konpromisoa izan zuelako. Eta poeta bikaina izatera iritsi zen. 1942an argitaratu zuen Oterok estreinako poemategia: Cántico espiritual. Lan horretan argi asko antzeman zitekeen poetak jasotako heziketa erlijiotsuaren eragina. Joan Gurutzekoaren mistikara gerturatuz, poeta Jainkoari mintzo zaio argibide eske. Baina bigarren poemategian, Ángel fieramente humano (1959), tonua aldatu egiten da. Liburua osatzen duten 44 poemetatik desagertu da otzantasuna. Agoniak hartu du haren tokia. Munduko bidegabekerien aurrean entzungor egitea aurpegiratzen dio Jainkoari poetak. Itxaropena gorde nahi du, baina ezin. Poetaren ni-a mintzo zaigu nagusiki, baina argitalpen horretan jada antzeman daitezke gerora hartu zuen bidearen aztarnak. Ni-a-ren tokia gu-ak betetzen duenekoa. «Definitivamente cantaré para el hombre. / Algún día —después—, alguna noche, / me oirán. Hoy van —vamos— sin rumbo, / sordos de sed, famélicos de oscuro». Ondoko lanean, Redoble de conciencia (1951), are nabarmenagoa egiten zaigu gizartearekiko mira. Poetak ezin du ezkutatu bere haserrea: nolatan egon da hainbeste denbora itsu, gor, mutu? «Vuelvo a la vida con la muerte al hombro, / abominado cuanto he escrito. Escombro / del hombre que fui cuando callaba». 1958an, Bartzelonan, Ángel fieramente humano eta Redoble de conciencia biltzen zituen poemategia, Ancia, argitaratu zuen Oterok. Damaso Alonsoren hitzaurrea zeraman liburu harekin Oterok bestelako etapa bati ekin zion. Poesia sozialaren garaia izendatu dute adituek; poetak berak nahiago zuen esan aurrien artean bizi zen jendeari bere elkartasuna adierazteko poemak zirela haiek. Izan ere, aurri egoeran zegoen gerra osteko Espainiako estatua, Europa. Balio gehienak suntsituta, bizia bera kolokan, poeta kalera jaitsi eta jende arruntaren ondoan jarri behar zen, ezinbestez. Aipatu jarrerak bazuen loturarik Oterok urte haietan Parisera, Habanara, Sobietar Batasunera zein Txinara egindako bidaiekin. Eta keinu horren harira etorri zen Pido la paz y la palabra (1955), hitz lauz osaturiko poemategia, helburua baitzen mundu guztiak ulertzeko poemak idaztea. Liburuaren hasieran azaltzen zuenez, gehiengo handi horrek ematen baitzion zentzua haren lanari. «Aquí tenéis, en canto y alma, al hombre / aquel que amó, vivió, murió por dentro / y un buen día bajó a la calle: entonces / comprendió y rompió todos sus versos». Ikuspegi horrek aldendu egiten zuen Otero Juan Ramon Jimenezengandik eta haren gutxiengo batentzako poesia deshumanizatutik, eta aitzitik hurbildu Antonio Machadori. Campos de Castilla poemategiaren egileak bezala, Oterok ulertu zuen poeta herriaren ordezkari dela, eta hitza baliatu behar duela gertatzen dena azaltzeko, salatzeko, protesta egiteko. Une horretatik aurrera, Oteroren lumatik sorturiko poemek kolektiboa izan zuten protagonista. Pido la paz y la palabra-ren ondotik, En castellano (1959) eta Que trata de España (1964) plazaratu zituen, besteak beste. Ordurako gaixotasunak eragindako oinazeak pairatzen hasia zen poetak irmo eusten zion urte batzuk lehenago harturiko konpromisoari. Baina garai guztiak ez dira berdin, oro dago eraldaketa prozesu batean murgilduta. Oterok ere jarraitu zuen hizkuntzan, poetikan ikertzen. Azken argitalpenetan, poeta inguratzen duenaren kronista bihurtu zaigu. Arrangurek hortxe jarraitzen dute, baina ikasi du distantzia jartzen. «Porque todo poeta es terrible cuando ha amado / y odiado intensamente / y escribe con todo el cuerpo, hermosa y horrorosamente / mas con ternura y estremecimiento». Galaxia Gutenberg argitaletxeak 1935 eta 1977 bitartean Oterok ekoitziriko lana kaleratu du liburuki batean. Sabina de la Cruzek eta Mario Hernandezek apailatu dute bilduma, zeinak poetaren hamabi poema liburuak (haietarik zortzik Otero bizirik zela ikusi zuten argia, eta gainerako laurak, hura hil ostean), 1942 eta 1946 bitartean idatziriko poema argitaragabeak, beste hizkuntza batzuetako poeten bertsioak, elkarrizketak eta adierazpenak biltzen dituena. Ingurumena babesteko borroka konplexua Amitav Ghosh indiarraren 'The Hungry Tide' nobelak ingurumenaren eztabaida gatazkatsua du ardatz, 1978 eta 1979 arteko Morichjhnapiko masakrea oinarri hartuta. Hubert Sauperren Darwin's Nightmare dokumentalak (2004) ingurumenaren inguruko gatazka konplexua azaltzen du. Azken urteetan ingurumenaren gainean gizartean zabaldu den kezkak mundu akademikoan ere izan du oihartzunik. 1980ko hamarkadan, Mendebaldeko tradizio teorikoaren joera antropozentrikoari aurre eginez, ekokritika deritzon mugimendua agertu zen mundu anglosaxoiarrean, eta, ordutik, beste herrialde batzuetara zabaldu da. Hastapenetan, ekokritikak gizakiaren presentzia arbuiatu zuen, eta bere burua britaniar erromantizismoaren eta estatubatuar transzendentalismoaren artean (Thoreau, Emerson) kokatu. Planteamendu horrek, baina, hautsak harrotu zituen gizakiaren eragina ukatzen zuelako. Ez dago gizakiaren presentziarik gabeko egoerara itzultzerik, harekin inolako harremanik izan ez duen eremu basatirik ezagutzea ezinezkoa den bezala, haren existentzia frogatzeko gizakiaren lekukotasuna beharrezkoa delako. Are gehiago, naturaren ezagutza bera giza-jakintza mekanismoen menpe dago: Timothy Mortonek modu probokatzailean adierazi bezala, hizkuntzatik kanpo natura ez da existitzen. Dena den, natura kontzeptu gisa eraikuntza bat den arren, eragin erreala izan badu. Klima aldaketaren ondorioak denok pairatzen ari gara, modu batean ala bestean, eta hari nola aurre egin da egungo ekokritikoen kezka nagusia. Azken bolada honetan, teoria eta ekintza, natura eta gizakia, zientzia eta humanitateak nola adiskidetu aztertzen aritu dira, ekokritika barruan aro berri bati —anthropocene aroa izenekoari— hasiera emanez. Kontzeptua, berez, ez da berria. Eugene F. Stoermerrek proposatu zuen 1980ko hamarkadan, eta Paul Crutz kimikalari eta Nobel saridunak hedatu zuen haren erabilera. Antropocenekontzeptuak gizakia indar geologiko gisa ulertzen du; hots, giza-jarduerek lurraren ekosistemetan duten eragina du abiapuntu. Dipesh Chakravarty historialariak, besteak beste, aipatu kontzeptua teoria poskolonialera aplikatu du, aditzera eman nahian Mendebaldetik bultzatzen diren ingurumenaren aldeko kanpainek ez dutela beti Mendebaldekoak ez diren herrialdeen egoera aintzat hartzen eta, ondorioz, ingurumenaren izenean oraindik indarrean dauden egitura bidegabe eta (neo)kolonialak bultzatzen dituztela. Alde horretatik, Chakravartyk dio ekokritikarekin batera (zentzu zientifiko hertsian) gaur egungo intelektualek kapitalismoaren eta kolonialismoaren historia(k) ezin d(it)u(z)tela begien bistatik galdu. Ingurumenaren gaineko eztabaida kontu konplexua dela ezin hobeto azaldu zuen Hubert Sauperren 2004ko Darwin's Nightmare (Darwinen amesgaiztoa) dokumentalak. Kapitalismoaren eta (neo)kolonialismoaren arteko konplizitatearen adibide garbia da Afrikako Viktoria lakuan gertaturikoa: Mendebaldean arras preziatua den arraina hara eraman zuten azkarrago ugal zedin, katastrofe ekologikoa eta gizatiarra eraginez. Ingurumena babesteko neurririk ez hartzea aurpegiratu izan dio Mendebaldeak Afrikari, baina nola babes ditzake Afrikak bere fauna eta flora (bere biztanleen ongizatea arriskuan jarri gabe) Mendebaldeak haiek ustiatzen jarraitzen badu? Sauperren dokumentalean azaltzen diren antzeko galderak planteatzen ditu Amitav Ghoshen The Hungry Tide (2005) nobelak. Indiako ekialdean, Bengalako badian, Sundarbans deritzen irla txikiek osaturiko gunean kokaturik dago istorioa. Han bizi direnen bizi-baldintzak gogorrak dira oso. Tigreen erasoak arruntak dira; espezie babestua denez, tokikoek ezin dituzte ehizatu, eta, ondorioz, haien menpe daude erabat. Ibaiak, berriz, krokodriloz josita daude, eta arrantza zaildu egiten dute. Euriteen garaian, ibaiko urek gora egiten dute, herritarren etxeak arriskuan jartzeraino. Toki horretan, jatorri ezberdineko hiru pertsonaiak topo egiten dute: Piyali Roy, Fokir eta Kanai Dutt. Piyali Roy itsas-biologoak jatorri indiarrekoak ditu gurasoak, baina bera AEBetan jaio eta hezia izan zen. Desagertzeko arriskuan den Orcaella brevirostris izurdea aztertzeko helburuarekin heldu da Bengalako badiara. Fokir idazten zein irakurtzen ez dakien arrantzale gaztea da, bizitza osoa Sundarbarsen igaro duena. Kanai Dutt, berriz, Delhiko negozio gizona da. The Hungry Tide-k1978 eta 1979 urte bitartean jazo zen Morichjhanpi masakrea du oinarri; Mendebaldeko Bengalako gobernuak irletan babestu ziren errefuxiatu bengalarrak indarrez kanporatu zituen, eta haietako askoren heriotza eragin. Nobelako hiru pertsonaiek gatazka garaian eta haren ostean nagusitu diren hiru ikuspuntu ordezkatzen dituzte: Piyali, esaterako, ingurumen kontuetan Mendebaldean dagoen idealismoaren adibide da; izurdeen desagerpenaren erantzule egiten ditu Fokir eta haren herrikideak, zeintzuk «herrialde ez-garatuen» ordezkari diren, arrantzarako erabiltzen dituzten sareetan korapilatu eta hil egiten direlako, ohartu gabe Bengalako gobernuaren lege baztertzaileen ondorioz tokikoek janaria lortzeko bestelako baliabiderik ez dutela. Kanaik, berriz, kapitalismo basatiaren zinismoa ispilatzen du; harentzat, Fokirren modukoak oztopo bat dira garapenari begira. Jakina, Kanai ez da ohartzen edo ez du onartu nahi garapen hori besteen esplotazioan dagoela oinarrituta. Gatsby handiaren igoera eta erorialdia «Gizonei buruzko nobela bat» da 'The Great Gatsby' liburua, Scott Fitzgerald idazleak berak aitortu zuenez; esanguratsua da, halere, Daisy izeneko emakumeak jokatzen duen rola. Carey Mulligan (Daisy Buchanan) eta Leonardo Di Caprio (Jay Gatsby) aktoreak, Baz Luhrmann-ek zinemarako moldatu duen The Great Gatsby bertsioko eszena batean. Baz Luhrmann-ek The Great Gatsby (1925) zinemara egokitzeko asmoa zuela iragarri zutenean, ikusmin handia piztu zuen albisteak. Urte bete geroago, zinema aretoetara iritsiko da asteon Luhrmann eta Francis Ford Coppolaren arteko kolaborazioaren emaitza —Luhrmannek zuzendu du Coppolaren gidoian oinarrituriko filma— , eta, nahiz eta orain arte jaso dituen kritikak ez diren oso baikorrak izan, Luhrmannen aurreko lanak kontuan hartuta (Moulin Rouge, Australia, Romeo + Juliet), espektakulua behintzat eskaini eskainiko du, ziur. Ez da hau Francis Scott Fiztgeralden nobela ezaguna zinemara egokitzen duten lehen aldia. Lehendabizikoa Herbert Brenonek 1926an zuzenduriko film mutua dugu, eta haren kopia bakarra Ameriketako Estatu Batuetako artxibo nazionalean gordeta daukate. Geroztik, beste lau aldiz zinemaratu dute The Great Gatsby, Lurhmannen ekoizpena ere kontuan harturik. Ezagunena, zalantzarik gabe, 1974an Jack Claytonek zuzendurikoa dugu, rol nagusietan Robert Redford, Mia Farrow, Sam Waterson eta Bruce Dern dituena. Argitaratu eta berehala, kritika ezin hobeak jaso zituen Fitzgeralden lanak, eta, gaur egun ere, egilearen obrarik borobilena dela dio kritikak. Are gehiago, AEBetako «nobela handia» kontsideratzen dute, garai baten isla den literatur klasiko bat. The Great Gatsby-n kontatzen zaigun istorioa 1922an kokaturik dago. Roaring Twenties gisa ezagutzen da epea hura (1920ko hamarkada bikaina), Lehen Mundu Gerraren ostean AEBetan izan zuten egoera ekonomiko oparoaren omenez. Narratzailea Nick Carraway izeneko gaztea da, Yale-n graduatu berria eta Lehen Mundu Gerrako beteranoa, lanpostu berria dela-eta New Yorkera bizitzera doana, Long Islandera zehazki. Han, etxe bat alokatuko du, Jay Gatsby eszentriko aberatsa bizi den tokitik gertu. Gatsbyren aberastasunaren jatorria misterio bat den arren, jendeak berdin-berdin jarraitzen du hark antolatzen dituen jai erraldoietara joaten. Gatsbyk berak, baina, ez du inoiz haietan parte hartzen. Gonbidatuekin tratuan egon baino, nahiago du bere luxuzko etxeko leihoetatik haiei begira egon. Nickekin, dena den, salbuespen bat egingo du. Izan ere, haren lehengusina Daisy neskalagun zuen Gatsbyk gerra aurrean, eta berriro konkistatu nahiko luke. Daisy, ordea, Tom Buchanan dirudunarekin ezkonduta dago, eta alaba bat dute elkarrekin. Tomek herriko mekanikariaren emaztearekin, Myrtle Wilsonekin, abentura bat du, baina ez dago bere emaztea alde egiten uzteko prest, eta, ondorioz, modu tragikoan baino ezin du istorioak amaitu. Denetariko azterketak plazaratu dituzte Fitzgeralden nobelaren inguruan, dela azaltzen duen bizimoduari buruzkoak, dela arkitektura zein gogoeta ekonomikoei buruzkoak. Interesgarrienetakoen artean, The Great Gatsby Joseph Conraden The Heart of Darkness-ekin konparatzen duen bat dago. Gauza jakina da Fitzgeraldek miresmen handia ziola Conradi, eta, nonbait, bere nobelak hari egindako omenaldia izan behar zuen. Bi lanetan agertzen da lehen pertsonan aritzen den narratzailea, pertsona zentzudun horrek —Carrayk, The Great Gatsby-ren kasuan; Marlow-ek The Heart of Darkness-i dagokionez—, aparteko gizon baten (Gatsby, Kurtz) erorialdiaren berri ematen du. Bi narratzaileak ezohiko esperientzien egarri dira, beren heroia topatzea espero dute, eta aurkitu ere aurkituko dute. Eta haren heriotzarekin amaitzen da narrazioa. Bi liburuen arteko konparazio honetan, baina, elementu garrantzitsu bat falta da: Daisy. Txanpon doinua duen ahotsa Nobelan, duen ahotsagatik da ezagun Daisy—leuna eta beroa aldi berean, eta tinbre zorrotzekoa—. Zinez pertsonaia interesgarria da Buchananen emaztea, nahiz eta nobelari buruzko analisietan Gatsby izan ohi den arretarik handiena erakartzen duena. Azken batean, liburuak haren izena darama. Baina Fitzgerald bera Daisyrekin liluraturik zegoen. Plaza hotelean jazotzen den eszenan, Gatsbyren heriotzaren ostekoan, Nickek bere lehengusinarekin topo egiten du, horrek herrialdetik alde egin baino lehen. Nickek nolabaiteko erreakzioa espero du Daisyrengandik, badakielako Gatsbyrekin berriro elkartzeko aukera bertan behera geratu dela betiko, baina bien arteko azken solasaldia modu xelebrean gertatzen da. «Ezin dut Daisyren erreakzioa ondo azaldu», aitortu zuen gerora Fitzgeraldek, barkamena eskatuz liburuko gainerako emakumeak Daisy baino indartsuagoak direlako —Tom Buchananen amorante Myrtle, esaterako—. «Gizonei buruzko liburua da», gaineratu zuen. Gizonei buruzko nobela da The Great Gatsby, bai, eta Daisy haien desiren isla besterik ez da: emakume irtirina, axolagabea, konkistatzen zaila. Fitzgeralden obran adituek direnen ustez, The Great Gatsby egilearen beraren maitasun gorabeheren emaitza eta isla besterik ez da. Bere liburuen arrakastak ez zion maite zuen emakumea berreskuratzen lagundu, Gatsbyri legez kanpoko alhokol salmentaren bidez lorturiko aberastasunak Daisy berreskuratzen lagunduko ez dion bezala. Liburu amaierako Daisy ez da hasieran deskribatu zaigun neska axolagabe bera. Daisyren ahotsak, Nick konturatzen da, «txanponen doinua» du, eta haren existentzia mundu artifizial baten isla eta sintoma besterik ez da. Gatsby okerreko neskarekin maitemindu zen; horra tragedia. Thatcherren agintaldia literatura ingelesean Margaret Thatcher zenaren agintaldiko 11 urteetan, hau da, 1979 eta 1990 artean hasi ziren argitaratzen ingelesezko literaturako egungo idazlerik ezagunenetako batzuk. Gehienak Burdinazko Damaren aurka agertu ziren. Hanif Kureishi. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS Asteazkenean eman zioten azken agurra Margaret Thatcherri, Britainia Handiko lehen ministro zela neurri politiko zorrotz eta gupidagabeak bultzatzeagatik Burdinazko Dama goitizena irabazi zuen berari. Gustukoa izan ala ez, zalantzarik ez dago Thatcherrek bere marka utzi duela politikan eta, askoren harridurarako, literaturan ere. 1980ko hamarkadan, Thatcherren agintaldi garaian (1979an heldu zen kargura eta 1990era arte eutsi zion hari) eztanda gertatu zen literatura ingelesean eta gaur egungo literaturako izen esanguratsuetako batzuk, hala nola William Boyd, Kazuo Ishiguro, Hanif Kureishi, Jeanette Winterson, Will Self, Jonathan Coe eta Caryl Philips, orduantxe hasi ziren argitaratzen. Haietako gehienak, Burdinazko Damaren politikaren eraginez edo, hobeto esanda, hari erantzunez hasi ziren idazten. Eta gauzak argi esate aldera, ez zuten haren alde gauza on askorik esateko. Dena den, Thatcher deskribatzeko literaturan erabilitako kalifikatzaileen artean, gehien aipatu ohi dena ez zaio aipatu idazleetako bati ere zor, 1980ko hamarkadarako aski ezaguna zen Salman Rushdieri baizik. The Satanic Verses (1988) lanean Mrs. Torture (Tortura Anderea) bezala agertzen da politikaria. Lehen ministro ohiaren politikarekin ados egon ez arren, Thatcherren heriotzaren albistea zabaldu zenean, Rushdiek aipatu zuen Burdinazko Dama zentzuduna ere izan zitekeela, aipatu nobela beragatik Khomeini Irango aiatolak bere kontra heriotza zigorra ezarri zuenean polizia babesa eskaini baitzion. Rushdieren esker hitzak, baina, araua baino gehiago salbuespena dira. Hain zuzen, 1980ko hamarkadaren inguruko nobelen arabera, Thatcherrek ez du zentzu eta gupida handiko pertsona ematen. Alan Hollinghurst-en The Line of Beauty (2004) lanean, esaterako, Alderdi Kontserbadoreko burua ezusteko egoera batean azaltzen zaigu: mitin batean entzuleak, alderdiko jarraitzaileak denak, estasira eraman ostean nobelako protagonistarekin Rolling Stonesen doinuekin dantzan hasten da. Eszena, Thatcherren alderdi gizatiar eta jostalariaren isla baino gehiago, 1980ko hamarkadako botere gehiegikeriaren adibide da. Parlamentutik langileen eskubideak zapaltzen diharduen bitartean, poz-pozik azaltzen da dama rock-and-rolla dantzatzen, langileen kontra ez duela ezer —beheko klaseen musikaren doinuak dantzatzen ari da!— erakutsi nahian bezala. The Line of Beauty irakurtzen jarraituz gero, bat berehala ohartuko da nobelaren helburua ez dela Thatcher eta bere alderdia salbatzea, kontrakoa baizik. Istorioko pertsonaia nagusia Oxfordeko pribilegiozko zirkuluetara iritsi berria den Nick Guest izeneko gay gaztea da, eta haren bidez Alderdi Kontserbadorearen hipokrisiaren nondik norakoak azalduko dizkigu, sexualitateari dagokionez, besteak beste —homosexualitatearen ukapena, alderdiko kide asko gay izan arren—. 1980ko hamarkadako giro politikoa deskribatzen duten nobelen artean, erreferente bihurtu den beste lan bat Hanif Kureishiren The Buddha of Suburbia(1990) da. Nobelaren hasiera ingeles literaturan gehien aipatu eta aztertu den pasarteetako bat dugu, literatura poskoloniala zer den ezin hobeto laburbiltzen duelako. The Buddha of Suburbia honela abiatzen da: «Nire izena Karim Amir da. Ingelesa naiz jaiotzez eta heziketaz, gutxi gorabehera. Maiz ingeles mota bitxia kontsideratu izan naute, enda berri baten kide naizelako, bi historia zaharretatik sortua. Baina bost axola dit horrek niri. Ingelesa naiz (harro ez banago ere), Londreseko hego aldirietakoa, eta badut norabide bat». Berez, 1970eko bigarren erdialdean kokaturik badago ere, Kureishik berak esan du ondoko hamarkadako giro politiko, sozial eta ekonomikoa gogoan idatzi zuela The Buddha of Suburbia. Egilearen bizi-esperientziek pisu handia dute kontakizunean: nobelako protagonistak bezala, aita Pakistanekoa du Kureishik eta ama, berriz, ingelesa. Karimek bezala, nerabezaroan nortasun krisia izan zuen; aitaren familiakoek ez zuten pakistandar moduan onartzen zuriegia zelako, baina bere klasekideentzat ez zen nahikoa zuri, hots, ingelesa. Hala ere, The Buddha of Suburbia ez da nobela autobiografikoa, garai baten erretratua baizik. 1980ko hamarkada definitu zuten klase, arraza eta sexualitatearen gaineko gatazkak oso presente daude lanean. Hollinghurst-en The Line of Beauty-ko Nick Guest bezala, Karim homosexuala. Dena dela, Nickek Alderdi Kontserbadorearen onespena lortu nahi du —haien pribilegiozko bizimodua kritikatzen duen arren—, baina Karimek bere bidea egin nahi du, badu norabide bat. Tradizioa, dela aitaren familiarena dela Ingalaterrakoa, zama nekeza egiten zaio. Nobela poskoloniala bildungsroman-arekin konparatu izan dute askok. Bildungsroman-a formakuntza nobela da, protagonistaren nerabezarotik helduarorako igarotzean arreta jartzen duena. Nobela poskolonialean ere pertsonaia nagusia nortasun krisi batean murgiltzen da, baina bildungsroman-ean helburua gizarte integrazioa da, eta nobela poskolonialean, berriz, ez dago amaiera biribilik. Kasurik onenean, protagonista, bere ezberdintasuna onartu, eta gizartearen aurreiritzien kontra borrokatuko da. Ziurrenik, Britainia Handia bildungsroman bat bihurtzeko helburuarekin heldu zion Thatcherrek lehen ministro karguari. Bere agintaldiak, baina, nobela poskolonialari ireki zizkion ateak. Atacamako basamortuan desagertuen bila Oraindik ere, sakona da diktaduraren marka Hegoamerikako zenbait herrialdetan, eta haren eraginari buruzko lan interesgarriak idatzi dira Argentinan eta Txilen. Death and the Maiden (1994) Roman Polanskik zuzendutako pelikularen fotograma bat. Lehen, planoan, Ben Kingsley eta Sigourney Weaver. Diktaduren marka sakona da, oraindik ere, Amerikako Hegoaldeko Konoa deritzon eremuan. Tortura eta atxiloketa gune klandestinoen zerrenda luzatuz doa urtetik urtera, eta Egia eta Justizia komisioek erregimen militarren izugarrikerien testigantzak biltzen jarraitzen dute, tragediaren dimentsioa ondo kalkulatu (eta ulertu) nahian. Justiziari begira, ordea, salbuespen bat edo beste kenduta, ez da aurrerapauso handirik egon. Salbuespenen artean, aipatzekoa da 2009ko abenduan Argentinan Armadaren Goi Mailako Mekanika Eskolan aritu zirenen kontra hasi zen epaiketa. Esma esaten diote, herrialdeko atxiloketa, tortura eta hilketa zentrorik handiena izateagatik, Argentinako Auschwitz izendapena jaso zuen guneak. Baina aipatu epaiketa Argentinan denen ahotan zebilen bitartean, Txileko Gobernuak Esmeralda itsasontzi-eskola Bicentenario estropadara bidali zuen, aintzat hartu gabe ontzi horixe tortura gune gisa erabili izan zutela Augusto Pinocheten erregimenaren pean. Nostalgia de la luz (2010) dokumentalean Patricio Guzmanek azaltzen duenez, arkeologia eta astronomiarekiko interes handia dute Txilen. Duela milaka urte jazotakoa jakiteko irrika bizia dute txiletarrek. Gertuko historia, baina, orain dela hamarkada batzuk gertaturikoa, nahiago dute ahaztu. Baina desagertuen amek gogoan dituzte diktadura urteak. Are gehiago, haientzat orainaldia ez da existitzen, iragana oraindik gainditu gabe dagoelako. Desagertuen amentzat ez da orainaldirik egongo galdu zituzten senideei gertatu zitzaiena, haien gorpuen kokalekua, zehazki zein den argitzen ez den bitartean. Erregimenaren kolaboratzaile izandakoek diote itsasora bota zituztela gorpuak, sarraskiaren aztarnarik ez uzteko. Baina ez dago jakiterik erabat egia ote den hori. Atacamako basamortuan hainbat gorpu, oso zein zatikatu, agertu dira azken urteetan; baina eremua hain da zabala eta informazioa hain urria, ez baitago zehazterik gorpu guztiak han ote dauden. Hala ere, desagertuen amak Atacamara joaten dira egunero, munduko eremu idor zabalena bilakatzen duten 105.000 kilometro koadroetan senide galduaren aztarnaren bat aurkitzeko itxaropenarekin. Paradoxikoki, lurralde horretan bertan, beste bi sarraski gertatu ziren duela mende batzuk. Lehenengoa, indigenena izan zen; bigarrena, tokiko gatzagetan lan egiten zuten lagunena. Langile horiek, beren lan baldintza eskasengatik egin zuten protestan (1907) galdu zuten bizia. Haiei buruz mintzo da Hernan Rivera Letelierren Santa María de las flores negras (2002). Guzmanen dokumentalean parte hartzen duen arkeologo batek esaten duen bezala, bidegabekeriak salatzeko orduan, bat ezin da gertakari bakar batera mugatu. Memoriaren demokrazia lortu nahi bada, sarraski guztiak kontuan hartu behar dira. Maiz, kokaleku berean gertatzen dira. Atacamako basamortuan. Pilar Colveirok Argentinako kontzentrazio esparruen gainean idatzitako liburuan —egilea bera haietako batean preso egon zen— esaten du torturatzaileak ez zirela munstroak. Haiek sortutako estatu makineriaren parte ziren, zeinaren bitartez heriotza burokratizatu, ohiko bihurtu eta naturalizatu zuten. «Desagerpenak eragin zituzten gizonak gu bezalakoak ziren; gizarte honetako gizon arruntak ziren. Horra hor drama. Gizarte osoa izan da biktima eta biktimatzaile; gizarte osoak jasan zuen jazarpena, eta, aldi berean, erantzukizun bat du gertatu zen hartan», dio Colveirok. Bazterreko kontua oraindik Diktadurak Argentinan eragindako desagertuen gaineko literaturak lan interesgarriak eman ditu. Haien artean daude Mario Benedettiren Primavera con una esquina rota (1982), Elsa Osorioren A veinte años, Luz (1998), Ricardo Pigliaren Respiración artificial (1980) zein Marcelo Figuerasen Kamchatka (2003). Txileren kasuan, oraindik bazterreko kontua da Pinocheten erregimenaren gainean zuzenean idaztea, baina ahaleginak egon egon dira arlo horretan. Agian, kasurik ezagunena Ariel Dorfmanen La muerte y la doncella (1990; Herioa eta dontzeila euskaraz, Fito Rodriguezek itzulia) da. Demokraziarako trantsizio garaian kokaturik dagoen lan honetan, ezustean egingo du topo bere torturatzailearekin diktadura militarraren garaian torturatua izan zen emakume batek, bere senarra dela tarteko. Diktadura ondorengo lehen hilabeteak dira, Txileko kostaldeko leku zehaztugabe batean, nahiz eta diktadurapetik irten berri den beste edozein herrialdetan koka litekeen istorioa. Jorge Edwardsen El sueño de la historia (2000), berriz, diktadurako azken urteak ditu eztabaidagai testuinguru zabalago batean. Hain zuzen ere, gertuko historiaz gain, nobelak Txileren sorrera uneari erreparatzen dio, independentzia garaitik hona herrialdean gertatu diren bidegabekeriak aintzat hartuz. Bien bitartean, Pedro Lemebelen De perlas y cicatrices (1988) kronika bilduman testu gogor eta hunkigarri batekin topo egiten dugu. Radio Tierra kateko Cancionero saiorako idatzitako kroniken artean, bada Carmen Gloria Quintana (o una página quemada en la feria del libro) izeneko bat, Pinocheten diktaduraren biktimetako bati buruzkoa. Carmen Gloria Quintana izena zuen, hain zuzen, erregimenaren kontrako agerraldi batean patruila militar batek erre zuen emakume gazteak. Erasotik bizirik atera ahal izan zen neska, eta txiletarrak pairatzen ari ziren jazarpenaren sinbolo bihurtu zen. Gizaki modernoaren gizatasun galera azaltzen Gizatasuna murrizten duten paisaia eta sistema politiko lazgarrietan kokatzen ditu bere pertsonaiak John Maxwell Coetzeek. 'The Childhood of Jesus' nobela kaleratu du orain. John Maxwell Coetzee idazle hegoafrikarra, 2004an Erroman egindako argazki batean. TIZIANA FABI John Maxwell Coetzeeren (Cape Town, Hego Afrika, 1940) maisutasunak ez du mugarik. Hegoafrikarra aise jar daiteke Fiodor Dostoievskiren larruan, eta Pavel semeordea hil ostean Dresdenetik San Petersburgora egindako bidaia errusiar egileak berak idatz zezakeen nobela batean irudikatu, The master of San Petersburg (1994) lanean egin bezala. Edo Mendebaldeko literaturako klasiko bat berridatz dezake, Robinson Crusoe (1719) esaterako, emakume baten ikuspuntutik kontatzeko istorioa, Foe (1986) nobelan egin bezala. Animalien eskubideen gaineko tratatu bat idatz dezake nobelaren konbentzioak bortxatu gabe: Elizabeth Costello (2003) da horren adibide. Autofikzioan ere lezioak eman ditzake, Boyhood(1997) eta Youth (2002) lanekin egin bezala. Mundu akademikoan arreta handiagoa piztu dute Hegoafrikaren egoera hizpide duten lanek: Duskland (1974), In the Heart of the Country (1977), Waiting for the Barbarians (1980), Life & Times of Michael K (1983), Age of Iron (1990), Disgrace (1999; Lotsaizuna euskaraz, Oskar Aranak 2004ean itzulia). Edozein delarik kokalekua zein garaia, Coetzeeren nobeletan pertsonaiak paisaia eta sistema politiko zein baino zein lazgarriagoan azaltzen dira; biek ala biek pertsonaiei gizatasuna kentzen diete, gutxiagotu egiten dituzte. Egilearen kezka nagusia biziraupena da, espirituala zein fisikoa, zentzua eta mantenugaia lortzea kontrako inguruneetatik. Esperientzia horrek ez du inolako babesik eskaintzen; Coetzeeren pertsonaientzat kontziente izatea sufritzea da. Gertatzen ari dena ulertzeko nahia, gizaki modernoa gizatasuna galtzera zerk eraman duen jakiteko premia, betiere moralkerian erori gabe, du azken batean gidalerro egilearen literaturak. Horrek, hain zuzen, bihurtu du Coetzee Hegoafrikako ahots interesgarrienetako bat. Gizatasunarekin batera, etika hitz gakoa da Coetzeeren obra osoan. Etikaz ari denean, herrialdeen mugetatik haratago doan eta izaki bizidun guztiak —gizabanako zein animalia— kontuan hartzen dituen kontzeptua du buruan egileak. «Ez naiz aitzindari soziala, ezta antzekorik ere. Kateaturik dagoen presoak bezala, askatasunarekin amets egiten duten, kateak hautsi eta beren aurpegiak eguzkirantz zuzentzen dituzten gizabanakoak irudikatzen dituen norbait baino ez naiz», azaldu du egileak. Azken sei hilabeteetan, Coetzeeren izena hiru liburutan agertu da: Here and Now: Letters 2008-11, egileak eta Paul Austerrek elkarri idatziko gutunen bilduma; J. M. Coetzee: A Life in Writing, J. C. Kannemeyerrek idatzitako biografia; eta The Childhood of Jesus, idazlearen beraren azken nobela. Here and Now hasierei buruzko gutun bilduma da: gutun trukaketa baten hasiera, adiskidetasun baten hasiera, eztabaida hasiera. Coetzee eta Austerrek 2008ko otsailean elkar ezagutu zuten, eta handik gutxira Hegoafrikakoak estatubatuarrari idatzi zion gutun trukaketa bat hasteko proposatuz, «elkarri txinpartak ateratzeko». Liburuari hasiera ematen dion gutunak, Coetzeek 2008ko uztailean idatzitakoa, adiskidetasunaz mintzo da, egileak buruan eduki eta irakurri izan duen gaia. Austerrek adiskidetasunari buruz dituen iritziak azaltzen dizkio bere erantzunean, eta horrela hasten da hiru urteko gutun trukaketa, Brooklyn, New York, (Austerren bizilekua) eta Australia (Coetzeerena) artean. Bien bitartean, J. M. Coetzee: A Life in Writing lanak gogorarazten digu Literaturako Nobel saria jaso eta mundu osoan ezaguna izan arren, orain arte ez dela Coetzeeren bizitza eta obra, biak ala biak aztertzen dituen lanik argitaratu. J. C. Kannemeyer, Afrikaans literaturaren historia baten zein Afrikaans zenbait idazleen biografien egilea, Coetzee beraren laguntza izan zuen J. M. Coetzee: A Life in Writing osatzeko. Hegoafrikakoak elkarrizketa pertsonalak eskaintzeaz gain, bere familiakide, lagun eta lankideekin harremanetan jarri zuen Kannemeyer. Era berean, Coetzeek hainbat dokumentu pribatu bere esku utzi zituen. Kannemeyerrek bere ezusteko heriotzaren aurretik amaitu zuen lana, 2011ko abenduaren 25ean. Jatorrizko bertsioa Afrikaansen idatzitako dago, eta ingelesera itzulia izan da duela gutxi. Coetzeeren azken nobela ere, The Childhood of Jesus, duela aste batzuk iritsi zen liburu dendetara. Bertan, adin ertaineko gizon bat, Simon, eta bost urteko mutiko bat, David, itsasontziz herrialde berri batera iristen dira, irakurleari ezezagunak zaizkion arrazoiak direla medio jaioterritik ihesi ostean. Simon ez da umearen aita; itsasontzian elkar ezagutzen dute. Davidek gutun bat darama berarekin bere ama zein den azaltzen duena, baina galdu egiten du helmugara heldu baino lehen, beraz, Simonek umea bere kargu hartu eta ama aurkitzen laguntzea erabakitzen du. Ihesa eta munduan nor bere tokia aurkitzeari buruzko gogoeta da nobela, ariketa literarioa den aldi berean. Neurri batean, The Childhood of Jesus-ek Peter Handkeren Kaspar (1967) antzezlanaren antza du; azken horretan, hizkuntzak umearen kontzientzia askatasuna nola mugatzen duen azaltzen zaigu. Baina Werner Herzogen Jeder für sich und Gott gegen alle-Kaspar Hauser (1974) film errealistagoa ere gogora dakar lanak, gizartetik at dagoen eta gizartean bere tokia bilatzen saiatzen den gizon bati buruzkoa. (Trauma) begiratzen saiatu, ikusten saiatu Charlotte Delboren jaiotze mendeurrena gogoratuz, hainbat ekitaldi egingo dituzte aurten, Frantzian batik bat, baina baita Londresen ere. Auschwitzeko izuaz gain, biktimek ondorengo urteetan sentitu zutena ere islatu zuen bere lanetan. Charlotte Delbo (1913-1985), 1950eko martxoan. Nola idatzi traumaz? Nola azaldu «azaldu ezina» dena? Nola eman biktimari ahotsa, haren egoera gutxietsi gabe? Izan ere, trauma orrietara eramateak badu bere arriskua. Idatziz jarri ostean, egoera traumatikoa neutralizatu eta, ondorioz, gainditu egin daiteke ahanztura bultzatuz norberarena zein ingurukoena. Edo arinkeriaz jorratua bada —irakurleak bere egiten badu biktimaren mina, hots, biktimaren rolean jartzen bada irakurlea bien arteko distantzia ezabatuz—, haren indarra deusezta daiteke. Charlotte Delbok (Vigneux-sur-Seine, 1913-Paris, 1985) ez zuen formula jakinik aipatu galderetarako, baina bai gidalerrorik: esaten zuenez, batek egin behar duena da «essayez de regarder, essayez pour voir». Begiratzen saiatu, ikusten saiatu. Bere urratsak antzerki mundura bideratzea erabaki zuenean, etorkizunean bere bizitza eta bizimodua nolakoak izango ziren ez zuen zehatz jakingo Delbok, baina ideiaren bat, lausoa bazen ere, izango zuen ziurrenik. Ideia horren barruan Auschwitzek ez zuen tokirik izango. Are gehiago, ez zen existitu ere egingo. Okupazioa gertatu izan ez balitz, zeintzuk izango ziren egilea Poloniako inguru hori bisitatzearen aukerak? Txikiak segurutik. Baina okupazioa gertatu gertatu zen, eta Auschwitzek Delboren bizitza eta bizimodua ez ezik haren lana ere baldintzatzen bukatu zuen. Nazi Wehrmacht edo armadak Frantzia okupatu zuenean Delbo Buenos Airesen zen Louis Jouveten antzerki konpainiarekin. Ideologikoki, komunistatzat zuen bere burua. 1932tik Frantziako Komunista Gazteen Emakume Ligako kide zen, eta bere senarra ere, George Dudach, partiduko kide zen. Hasiera batean, Hego Amerikan zehar egin behar zuten antzerki birarekin jarraitzea erabaki zuen, baina 1941ean, Philippe Petain Vichy gobernuko buruak erresistentziako kideak epaitzeko epaitegi bereziak antolatzea erabaki zuenean, Parisera itzultzea ezinbestekoa iruditu zitzaion. Epaitegi haietako batean, hain zuzen, egilearen lagun minetako bat, Andre Woog arkitektoa, heriotzara zigortu zuten. «Ezingo naiz salbu egon beste batzuk gillotinara bidaltzen dituzten bitartean», esan zion Jouveti. «[Ez banaiz itzultzen] ez naiz inori aurpegira begiratzeko gai izango». Parisera bueltatu zen, beraz, eta senarra bezala nazien kontrako borroka klandestinoari lotu zitzaion. 1942ko martxoaren 2an, Delbo-Dudach senar-emazteekin biltzekoa zen mezulari bati segika bikotearen apartamentura heldu zen polizia, eta biak atxilotu zituen. Mezulariak leihotik salto eginez ihes egin zuen. Maiatzaren 23an hil zuten senarra naziek, tiroz. Delbo Paris inguruko behin-behineko esparruetan eduki zuten urte amaiera arte; 1943ko urtarrilaren 23an, bera eta beste 229 emakume frantziar, erresistentziarekin kolaboratzeagatik atxilotuak guztiak, Auschwitzeko kontzentrazio esparrura zihoan tren batean sartu zituzten. Frantziatik esparru horretara juduak ez ziren presoak zeramatzan konboi bakarrenetariko bat izan zen (gehienak Mauthausen-Gusen esparrura edo preso politikoentzako esparruetara bidaliak ziren), eta emakumeak zeramatzan bakarra. Konboi hura mito bihurtu da, emakume presoak «La Marseillaise» abesten sartu baitziren kontzentrazio esparruan. Emakume haietatik 49 bakarrik zeuden bizirik indar aliatuek esparrua askatu zutenean. Argitaratzeko beldurra Gerra amaitu eta jarraian idatzi zituen Delbok bere lanik ezagunenak, Le convoi du 24 janvier (1965) kronika, Qui rapportera ces paroles? (1974) antzezlana eta Auschwitz et après trilogia (Aucun de nous ne reviendra, Une connaissance inutile, Mesure de nos jours), baina ia bi hamarkada itxaron zuen haiek argitaratu arte, tragediari ez ziola justiziarik egingo beldur baitzen. Azkenean, Holokaustoaren gaineko ezjakintasunari aurre egitearen beharra beldurrari gailendu zitzaion, eta bere lanek argia ikusi ahal izan zuten. Haietan Delbok behin betiko ekualizadore moduan aurkezten du Auschwitz, nortasun ezaugarri oro (arraza, erlijioa, generoa) ezabatzeko gai dena. Eta izua, Auschwitzen bertan bakarrik ez, gerora ere biktimek jasango zuten izuaren betiereko esperientzia oso presente dago bere obran. Delboren liburuen artean, nik neuk gogokoen dudana La Mémoire et les jours(1985) da. Trauma idazten saiatu diren hainbat lanen antzera, Delboren liburu hau erabat fragmentarioa da. Lekukotza pusketez osaturik dago eta pusketa horiek beraiek isilunez beterik daude ez baitago izua bere osotasunean antzeman dezakeen lengoaiarik. Alabaina, liburu honetatik nabarmentzekoa dena zera da, XX. mendeko lehen erdialdeko erregimen totalitarioen biktimak omentzeko Delbok egindako ahalegina. Juduak ez ezik, ijitoak eta preso politikoak dituzte aipagai Holokaustoaren gaineko lekukotzek. Argentinako amek ere badute beren tokia liburuan, baita Espainiako Gerrako biktimek ere, umea zela Bilbotik Errusiara bidali zuten Euskal Herriko emakume baten errelatoaren bidez. Charlotte Delboren jaiotze mendeurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu ditu Frantziak urte amaiera arte. Londres ere batuko zaie ospakizunei; hain zuen, martxoaren 18an Writing Auschwitz: Testimony, Representation and Prose in the work of Charlotte Delbo, Primo Levi and Holocaust writers konferentzia jasoko du hiriko Institutu Frantsesak. Esklabotza eta (protesi) memoria Afrikatik AEBetara eramandako esklaboen esperientziaren memoria mundu osoan zehar zabaltzen lagundu duten obren artean, aparteko lekua merezi du pertsonaia nagusitzat Kunta Kinte duen nobelak, Alex Haleyren 'Roots'-ek. LeVar Burton aktorea Kunta Kinte pertsonaiaren rolean, Alex Haleyren Roots nobelan oinarritutako telesail ezagunean. Gaur jakinaraziko dituzte aurtengo Oscar sarien irabazleak. Film onenaren kategorian, hautagaien artean da Quentin Tarantinoren Django Unchained, batzuentzat lan apurtzailea, beste batzuen ustez —Spike Lee zinema zuzendaria tartean— film eskasa, esklabotza eta, oro har, afrikar amerikarren esperientzia desitxuratu egiten duelako. Zalantzarik ez dago Tarantinoren azken proiektua, aurrekoa bezala (Inglorious Basterds), arras polemikoa dela bai genero aukeraketari begira —westerna ideologikoki nahiko markaturik ez bazegoen jadanik, oraingoan indigenaren presentzia erabat desagerrarazten du— bai pertsonaia beltzaren (Jamie Foxx) eta pertsonaia zuriaren (Cristoph Waltz) arteko harremanari dagokionez: Djangori ahotsa ematen diola sinetsarazi nahi digu filmak, baina King Schultzen bitartekaritzaren menpe dago haren jarduna —argi dago Tarantinok ez duela AEBetako esklabotzaren deusestatzeari buruz Fanonek idatzitakoa irakurri—. Iraganaren errepresentazioen azterketa kritikoan nabarmendu diren akademikoek —Michel-Rolph Trouillot historialariak, kasurako— gaineratuko lukete esklabotza iraganeko gertakari bat balitz bezala aurkezten duen aldetik, hots, orainarekin inolako loturarik gabe, Django Unchained-ek huts egiten duela esklabotzak sortu eta geroko sistema politiko, ekonomiko eta sozialak iraunarazi dituen egiturak bidegabeak azaltzen. Hain zuzen, esklabotza antigoaleko kontutzat duen batek bakarrik goza dezake filmaren hipotesiarekin. Alegia, aukera izanez gero, esklaboak beren jazartzaileen kontra altxatuko zirela, errealitatean horrelakorik gertatu ez zenean. Alison Landsbergek ohartaraziak gintuen jadanik masa kulturaren parte diren komunikazio bitartekoek —zinema haien artean— ez dutela beti iraganari buruz mezu etikorik helarazten. Hala ere, Prosthetic Memory: The Transformation of American Remembrance in the Age of Mass Culture (2004; Protesi-memoria: Amerikar gogorapena masa kulturaren aroan) liburuan azaltzen duenez, ez genuke erabat arbuiatu behar masa komunikabideek iraganeko gertaeren gaineko memoriaren sorreran eta zabalpenean duten eragina eta ahalmena. Landsbergen arabera, hainbat gertaera historikori buruz —AEBetako esklabotza sistema bera, Holokaustoa— ditugun oroitzapenak zineman oinarrituta daude hein handi batean. Oroitzapen horiek ez daude zuzeneko esperientzietan oinarrituta, baina horrek ez du eragozten modu errealean antzemanak izatea. Hortik protesi memoria izendapena; jatorrizkoa ez izanagatik ere gorputzari ondo egokitzen zaion ezagutza delako. Protesi memoriaren ezaugarri nagusien artean, denbora, geografia, kultur, etnizitate, genero eta klase ezberdintasuna gainditzeko ahalmena nabarmentzen du Landsbergek. Batek ez du afrikar amerikar izan behar esklabotzaren oroitzapena bere egiteko. Protesi memoriaren fenomenoa, esan bezala, masa komunikabideei lotuta dagoela dio Landbergek, baina batek argudia lezake literaturak funtzio hori bera bultzatu duela orain arte. Egia da egun geroz eta gutxiago irakurtzen duela jendeak eta, alde horretatik, masa komunikabideek irismen handiagoa dutela. Hala ere, hainbat gairi buruzko gure oroitzapenak literaturari lotuta daudela esango nuke. Esklabotzaren gaiari gagozkiola, Toni Morrisonen (Lorain, Ohio, AEB, 1931) nobelek eragin handia izan dute gaur egun gizatasunaren kontrako sistema ankerra gogoratzen den moduan. Beloved-ek (1987; Maitea, Anton Garikanok euskaratua Literatura Unibertsala bildumarako, 2004), esaterako, biktimen haurren trauma —Marianne Hirschek post-memoria izendatzen duena— gerturatu zien irakurleei, zuri zein beltz. Hain zuzen, Morrisonek behin baino gehiagotan adierazi duenez, bere lanen helburua da esklabutzari buruzko memoria kolektiboa sortzea, kolektibo horren partaide izanik zuriak zein beltzak. Kunta Kinteren itzala Morrisonen aurretik, baina, beste idazle batek bere gain hartu zuen esklabotza mendebaldarron oroimenean iltzatzea. Hain zuzen, gaur egun ez ginateke esklabotzaren memoriari buruz hitz egiten ariko Alex Haleyren (Ithaca, New York, 1921-Seattle, Washington, 1992) Roots (1976) nobelagatik ez balitz. Ganbiako bere herrixkaren mugetatik kanpo bahitu eta esklabo-ontzi batean Ameriketara eramaten duten Kunta Kinte mutikoaren bizipenak dituzte hizpide nobelaren lehen bi herenek, eta azken herenak ondoko sei belaunaldiei erreparatzen die; Haleyren beraren historiarekin bukatzen da. Maya Angelou poetaren esanetan, «hainbat mendez, guri —estatubatuarroi— sinetsarazi ziguten Afrika animalia basatien herrialdea zela, hango biztanleak biluzik ibiltzen ziren gizaki primitiboak zirela, safariak antolatzen edo bata bestea hiltzen pasatzen zutela denbora». Roots-ek irudi hori aldatu egin zuen. Alde batetik, nobelak afrikar amerikarrak Afrikarekin adiskidetu zituen. Manthia Diawarak esaten duen bezala, «Roots-ik gabe ez zen afrozentrismorik egongo» ezta afrikar amerikar izendapenik ere. Bestetik, esklabotza Amerikako Estatu Batuen historiaren parte zela argi utzi zuen, ez bakarrik beltzen komunitatearena. Nobelaren itzulpenak beste hizkuntzetara eta telebistarako egokitzapenak (1977) esklabotzaren memoria mundura zabaldu zuen. Haren oroitzapenak bizirik jarraitzen du gaur egun; lehen ala bigarren mailakoa den, benetako memoria ala protesi memoria den, horrek berdin du. Garrantzitsuena da ez dugula ahaztu. Mali tokiko idazleen arabera Maliri egokitu zaio orain, lehen beste herrialde batzuei bezala, Afrikaren miserien lekuko eta ordezkari izatea. Baina Mali sormen gune garrantzitsua izan da hainbat mendez, eta balio handiko idazle askoren sorlekua. Massa Makan Diabate. Zerbait izugarria (uler bedi hitzaren adiera osoan: izua eragiteko modukoa; beldurra, kasu honetan, ez da nahikoa) gertatu behar da Afrika albiste izan dadin. Oraingoan. Maliri egokitu zaio kontinentearen miserien lekuko eta ordezkari izatea Mendebaldearen aurrean. Maliren alde esan beharra dago, ordea, sormen gune garrantzitsua izan zela hainbat mendez. Songhai inperioko burua, Askia Handia, literatur zale porrokatua zen, eta haren agintaldian bultzada handia jaso zuen literatur klase orok. XVI. mendeko esploratzaile Leo Africanusen arabera, «Tonbuktun epaile, mediku eta apaiz ugari daude, eta guztiek soldata onak jasotzen dituzte erregearengandik. [Erregeak] errespetu handia die jakintza gizonei. Eskuizkribuen eskari handia dago… etekin handiagoa lortzen dute liburu salerosketatik bestelako negozioetatik baino». Kolonialismoak lehenik eta independentzia osteko barne-gatazkek ondoren kalte handia egin zioten literatur ekoizpenari zein zabalpenari, frantsesa bilakatu baitzen herrialdearen hizkuntza ofiziala, eta, ondorioz, une horretatik aurrera, frantsesez idatzitako lanek bakarrik lortu zuten Malitik kanpo ezagunak izatea. Adame Konare Ba historialariaren ustez, frantsesen eta frantsesaren presentzia Malin kontu berria da herrialdearen historia barruan. Hain zuzen, XIX. mendeko bigarren herrialdean gertatu zen lehen kontaktua. Testu gutxi batzuk orduko esploratzaile eta militar frantsesen lana dira, baina zehazki frantsesez idatziriko literatura 1950. urte osteko fenomenoa da. Urte horretan Amadu Hampate Ba-k (Bandiagara, Mali, 1901-Abidjan, Boli Kosta, 1991) bere peul poesia argitaratu zuen. Garai berean ikusi zuten argia Ibrahima Mamadu Uan-en zenbait lanek zein Fily Dabo Sissoko-ren (Horokoto, Mali, 1900-Kidal, Mali, 1964) poesiak eta La passion de Djimé (1955) nobelak. Konare Bak aipatzen duen bezala, frantsesa ez beste hizkuntzetan ekoitzitako literatura indartsua da Malin, baina ahozkoa da gehienbat gaur egun. Hampate Ba eta haren belaunaldikoen lorpena izan da ahozko literatura hori idatziz jartzea frantsesaren laguntzaz. Bestelakoa da, baina, 1960ko hamarkadan argitaratzen hasi ziren idazleen egoera. Yambo Uologuem-ek (1940) Maliko iragana eta oraina aztertzen du bere lanetan, eta frantsesez egin ohi du hori. 1968an Renaudot saria jaso zuen Le devoir de violence nobelan Bambara inperioaren erretratu iluna eskaintzen du, afrikarrek afrikarren kontra egin zituzten bidegabekerietan (esklabutzan, besteak beste) sakonduz. Haren kasuan, baina, frantsesa sormen hizkuntza da. [Le devoir de violence-n plagio egin izana leporatu zioten Uologuem-i. Beste bi nobela idatzi zituen Utto Rodolph goitizena erabilita, baina ordutik ez du ezer argitaratu]. Seydu Badian Kuyate-k ere (Bamako, 1928) frantsesera jo zuen belaunaldi arteko gatazkak aztergai dituen Sous l'orage (1963) osatzeko, eta frantsesez idatzi ditu haren osteko lanak ere. Bere azken nobela, La saison des pièges (2007), gaur egungo Afrikako gizartearen erretratua egiten du, boterearen kritika zorrotz batekin. Hurrengo hamarkadan jarrera aldaketa nabarmena gertatu zen Maliko letretan. Frantsesak nagusi izaten jarraitu zuen, baina ez Maliko gainerako hizkuntzak baino hobea kontsideratua zelako. Era berean, frantsesez idaztea ez zen afrikartasunaren kontrako sintomatzat jotzen. Ordukoak ditugu Gaussu Diawara-ren (Uelessebugu, 1940) lehen antzerki obrak zein Massa Makan Diabate-ren (Kita, 1938-Bamako, 1988) lanak. Azken hori griot izeneko Mendebaldeko Afrikako poeten ondorengo zuzena da. Haren osaba, Kele Monson Diabate, griot maisua kontsideraturik dago Malin. Massa Makan Diabatek berak aitortu izan du behin baino gehiagotan asko zor diola osabari. «Kele Monsonek ni Malinke ahozko tradizioan trebatzen hasi zenean, nigandik espero zuena bihurtu naiz. Baina traizioa egin diot nobelak idazten baititut nik. Kele Monsonen haurra naiz, baina haur traidorea naiz». Harenak dira Janjon et autres chants populaires du Mali (1970), Kala Jata (1970), L'aigle et l'épervier ou la geste du Soundjata (1975), Sundiata Keita (1217?—1255?) Maliko inperioaren sortzaileari buruzkoa, eta Kutatrilogia delakoa (Le lieutenant, Le coiffeur eta Le boucher de Kouta (1979—1982), Kitako gaur egungo bizimoduan oinarrituriko nobela errealistek osatua. 1980ko hamarkadan bi izen nabarmendu ziren: Ibrahima Ly (Kayes, 1936-Dakar, Senegal, 1989) eta Dumbi Fakoly (Kita, 1954). Lehenengoaren obren artean dago Toiles d'araignées (1982), jende arruntak pairatu behar izaten duen duen jazarpenari buruzkoa. Dumbi Fakoly-ren lanik ezagunenak Morts pour la France(1983), Bigarren Mundu Gerran Frantziaren alde borrokatu ziren Senegalgo soldaduen ingurukoa, eta La retraite Anticipée du Guide Suprême (1984), independentzia ostean Afrikan sorturiko diktaduren kritika. Askoren kexua da emakumeek idatzitako liburu kopurua txikia dela Malin. Hala ere, kopuru txiki horren barruan izenburu esanguratsua askoak aurki daitezke, hala nola Aua Keita-ren (Bamako, 1912-1980) Femme d'Afrique. La vie d'Aoua Kéita racontée par elle-même (1975) autobiografia, Aicha Fofana-ren (Bamako, 1957-2003), Mariage on copie (1994), Aida Mady Diallo-ren Kouty, mémoire de sang (2002), tuaregen esku familia galdu duen neskato baten istorioa, Fanta-Taga Tembeley-ren (Sofara, 1946) Dakan (destinée) (2002) eta Fatumata Fathy Sidibe-ren (Bamako, 1963) Une saison africaine (2006). Bizi-iraupen ariketak Belfasten Robert McLiam Wilsonek umorea eta parodia erabiliz aztertzen du bere lanetan Ipar Irlandaren nortasun konplexua. Robert McLiam Wilsonek gatazkako bi diskurtso nagusien zentzugabekeriak salatzen ditu.OLIVIER ROLLER Duela hilabete Belfast Britania Handiko egunkarien azalera itzuli zen, udalak Britainia Handiko bandera jartzeko egunak mugatzea erabaki duela-eta talde loialistek pizturiko istiluen ondorioz. Banderen gatazka izendapena jaso duen gertakaria, baina, bigarren mailara igaro zen Irlandan, Ipar Irlanda barne, zenbait janari katek banatzen dituzten hanburgesetan zaldi haragia aurkitu dutela jakin eta berehala. Horren harira, orain dela hiruzpalau egun Michael Whitek The Guardian egunkarian esaten zuen «Belfast is burning while we harp on about horsemeat» (Belfast sutan dago gu zaldi haragiarekin bueltaka gabiltzan bitartean). Whiten aburuz, zaldi haragiak «ez dio inoren osasunari kalte egingo. Baina zer esan daiteke une honetan diskurtso politiko gisa saldu nahi diguten zaldi kakaz, gauero istiluak sortzen ari dena, britainiar bandera hautaturiko urteko hamazazpi egunetan bakarrik jasotzeko Belfasteko udalak agertu duen konpromisoagatik?». Bada hainbat pertsona zauritu egin direla eta beste hainbat atxilotuak izan direla. Horren aurrean, Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuko buru Matt Baggottek esateko duen bakarra da, ostegunean komunikabideei egindako adierazpenen arabera, Ipar Irlandan Poliziaren presentzia handitu egin behar dutela indarkeriari aurre egin ahal izateko. Azken hamarkadetako gertakariak errepresioaren ondorioen gaineko lezio argigarri izan ez balira bezala. Whiten arabera, ez da ahalegin handirik egin behar iparrirlandarren haserrea pizteko; krisi ekonomikoak gogor jo du jadanik ahula zen Ipar Irlandako ekonomia, eta herritarrak etsita daude ez zaielako beren bizi-baldintza eskasak hobetzeko aukerarik eskaintzen. Belfasteko langile auzoetako errealitateak, ordea, gutxitan erakartzen du komunikabideen arreta ez bada gertakari odoltsu baten kokaleku izan direlako. Nazioaren gaineko makrodiskurtsoei ez zaizkie halako txikikeriak interesatzen, materialistegiak direlako. Baina White ez da ondorio horretara iristen lehenengoa. Robert McLiam Wilsonen (Belfast, 1966) Eureka Street (1996) nobelak, hain zuzen, antzeko gaia du eztabaidagai. Bere garaikide Glenn Patterson idazleak bezala, McLiam Wilsonek Ipar Irlandaren nortasun konplexua aztertzen du bere lanetan. Horretarako, Pattersonek ez bezala, umorea eta parodia erabiltzen ditu bi diskurtso nagusien (nazionalista eta loialista) zentzugabekeria eta gizatasun falta azaleratzeko. Izan ere, bi diskurtsoei iparrirlandarren izenean mintzo direla esatea gustatzen zaie, baina aldi berean iparrirlandarrak akabatzea zilegi ikusten dute etsaitzat kontsideratuak baldin badira. Alabaina, Eureka Street-eko Jake Jacksonek esaten duen bezala, Ipar Irlandan egia —eta tragedia— nagusia da hainbat mendez irlandarrak irlandarrak hiltzen aritu direla, inolako trabarik gabe. Eureka Street McLiam Wilsonen hirugarren nobela dugu. Aurretik Ripley Bogle(1989) eta Manfred's pain (1992) argitaratu zituen, biak ala biak Ipar Irlandako egoera politikoaren erretratu ilunak. Eureka Street-ek berak gatazka politikoa du hizpide, baina aurrekoek ez bezala, itxaropenari leiho bat irekitzen dio. Nobela bera IRAren 1994ko su-etenaren atarian kokaturik dago, baina datu horri baino gehiago, pertsonaia nagusien indar eraldatzaileari ematen dio garrantzia. Pertsonaia horiek 30 urte inguruko bi lagun dira, bata katolikoa, Jake Jackson, eta bestea protestantea, Chuck Lurgan. Erlijioak, baina, ez du inolako rolik jokatzen bien arteko harremanean, ez bada bakoitza bizi den auzoa adierazteko. Geografikoki bata bestearengatik urrun dauden arren, auzook errealitate beraren isla dira: katoliko ala protestante, haietan bizi diren lagunak langile xumeak dira. Chuckek eta Jakek ohiko galtzaileen ezaugarri guztiak dituzte. Chuck langabezian dago, eta amarekin bizi da; Jakek neska-laguna galdu berri du, eta zorrak dituzten langile familien ondasunak konfiskatzen dituen konpania batentzat lan egiten du. Jake ez dago bere lanarekin harro, jendearen miseria handitzen konplize sentitzen delako. Baina onartu egiten du diru kontuak tartean daudenean Belfastek demokratikoen jokatzen duela: bere konpainiak berdin-berdin konfiskatzen ditu katolikoen zein protestanteen jabetzak. Hala ere, pentsamendu horrek ez dio laguntzen burutik kentzen maite duen hiria jotzen duen pobrezia materiala eta psikologikoa. Indarkeria politikoa, amildegi Bizi-baldintza gogorrak nahikoa ez balira bezala, indarkeria politikoak amildegi bat ireki du herritarren artean. Nobela horretako pasarte batean atentatu baten deskribapen gordina eskaintzen zaigu. Segundo pare batean, norbaiten neska-lagun, haur, senar izandako gorputzak handik eta hemendik barreiaturiko haragi puskak bihurtzen dira. Komunikabideak, eragile politikoak zein talde armatuak sarraskiaren egileen siglak eztabaidatzen dituzten bitartean, Jakek bere buruari galdetzen dio noiz eman zion Belfastek bizikidetzari bizkarra, noiz itxi zizkion ateak maitasunari. Bai bera eta baita Chuck ere, bakoitza bere modura, ahultasuna —norberarena eta besteena— onartzea eta zaintzea ezinbestekoa dela ohartzen dira. Ildo horretan, Eureka Street Judith Butlerren pentsamendutik gertu dago. Levinasen pentsamendutik abiatuta, pentsalariak dio giza kondizioaren funtsa ezegonkortasuna dela, hots, giza gorputza hilkorra dela. Bestearen ezegonkortasunean norberaren ezegonkortasuna antzematea printzipio etiko garrantzitsua da. Antzemate horrek bakarrik bultza dezake aldaketa. David Foster Wallace marka arriskuan ote? Idazleak 2007an bere buruaz beste egin zuenez geroztik argitaratu gabe utzi zituen zenbait testu argitaratzeari ekin diote, hainbat erdi mailakoak. Idazle gazte bati etorkizun oparoa opatzea besterik ez dago sortuko duen obrak, oraindik egiteko duenak halako aura berezia lor dezan. Aura hori are indartsuagoa da etorkizun oparoa bete gabe geratzen denean, hots, idazle gaztea gazterik hiltzen denean, oraindik bere onena emateko dagoenean. Horrela gertatzen denean irakurleek zein kritikariek amaigabeko eta segur aski zentzu handirik ere ez duen espekulazio ariketei bide eman ohi diete. Zer nolako lana sortuko zuen idazleak bizirik balego? Zer nolako altxorrak lapurtu ote dizkigu heriok? Irakurle zein kritikari, biak ala biak, iruzur egin izan baliete bezala sentitzen dira. David Foster Wallaceren (Ithaca, New York, 1962-Claremont, California, 2008) kasuan, ezin dezakegu esan bete gabeko etorkizun oparoa izan zenik berea. Bere buruaz beste egin zuenerako lan esanguratsu askoak argitaratuta zeuzkan, hainbat doktorego tesiren oinarri bihurtutakoak gainera. Hala ere, bere lana tesi filosofiko baten gainean eraikia zegoen heinean, are gehiago, haren ardatza tesi filosofiko hori berau frogatzea izanik, beti geratuko zaigu zalantza bat: ea idazleak bere helburua beteko zuen ala ez (eta baiezkoa izatekotan, zer nolako lanak izango ziren haren emaitza). Idazlearen jarraitzaileak, baina, ez daude amore emateko prest. DFW zenak (hala deitzen diote AEBetako literatur zirkuluetan, giza kondizioa gainditu eta marka, literarioa jakina, bihurtuta dagoeneko) argitaratu gabe utzi zituen dokumentuen ehizan dabiltza, maisuaren teorien gainean argi pixka bat egin nahian. Interes komertzialak ere badira tartean, DFW markak saldu egiten baitu azken batean. Azken hori asmo literarioei gailendu zaien susmoa zabaldu da egunotan komunikabideen artean, idazlea hil zenetik argia ikusi duen bigarren lanaren harira, Both Flesh and Not (2012). 1980ko hamarkadatik 2007a bitartean DFWek idatziriko ez-fikziozko hainbat testu biltzen ditu liburuak. Denetariko gaiak jorratzen dituzte testuek, Roger Federer tenislariaren maisutasunetik hasi eta «matematika melodrama» deritzon genero literarioan amaituta. DFW sinadura eraman arren, kritikak hotz hartu du lana. «Testu hauetako batek ere ez zuen Wallacek, bizirik zela, argitaratu zituen ez-fikziozko bilduma bikainetako batean ere sartzeko mozketa gainditu. Beraz, definizioz, ez dira bere lanik onenetakoak», esaten zuen The New York Times-en argitaraturiko iruzkinak. DFW Thomas Pynchon eta Don DeLilloren ondorengo zuzena izendatu zuen kritikak, beraz, ez dago egilearen bigarren mailako lana (eta, dirudienez, horixe da argitaratu gabe geratzen den bakarra) publiko egitearen alde. Wallace DFW bihurtzeko bidean jarri zuen lanak, bere estreinako nobela hain zuzen, 1986an ikusi zuen argia. Emakume gazte baten nortasun bilaketa oinarri hartuta, The Broom of the System-ek errealitatea artifiziotik bereizi ezin duen AEBetako gizartearen erretratu gordina eskaintzen digu. Egilearen lanik ezagunena (eta aztertuena), Infinite Jest, hamar urte geroago etorri zen. 1.079 orriko «munstro» horrek bere buruarekin, plazerarekin eta entretenimenduarekin itsututa dagoen etorkizuneko herrialdea (AEBen metafora garbia) du hizpide. (Nobelan, presidentea, Johnny Gentle, abeslari ohi bat da). Liburuaren izenburuak terrorista talde batek eskuratu nahi duen filmari egiten dio aipamen. Filma ikusteak ahuldu egiten du bat, eta hil ere egin dezake plazer hutsez. Infinite Jest kultuzko nobela bihurtu zen berehala bere idazkera apurtzaileagatik («kontzientzia jario haluzinogenikoa» izendatu zuten DFWen teknika), baina kritika gogor bat edo beste ere jaso zuen (Harold Bloomek nobelari zentzua aurkitu ezinik jarraitzen du). Bere hirugarren nobela amaitu gabe utzi zuen, eta bere horretan argitaratu zuten 2011n The Pale King izenburuarekin. Ipuin bildumak (Girl with Curious Hair, 1989; Brief Interviews with Hideous Men, 1999; Oblivion, 2004) ere idatzi zituen, A Supposedly Fun Thing I'll Never Do Again (1997) eta Consider the Lobster (2005) ez-fikziozko lanez gain. Aipatu lanek kezka bera dute ardatz, DFWen tesia bezala ezagutzen dena. Idazleak hizkuntza naturalean egiten ditugun bereizketak (hots, hizkuntz aldaerak) antzemateko eta islatzeko gai izango zen sistema formala eraikitzea zuen helburu eta, modu horretan, azken hamarkadetako arazo filosofiko nagusietako bati irtenbidea eman. DFWek AEBetako unibertsitate batean eskainitako hitzaldia jasotzen duen Fate, Time, and Language: An Essay on Free Will (2011) lanari egindako hitzaurrean, James Ryersonek esaten du «Wallaceren lanaren alderdirik filosofikoena irakurleari gaiaren (berdin du zeinen ezdeusa edo zentzugabea den) muinera heltzeko ahalmena, fenomeno edo esperientziaren esentziara heltzeko gaitasuna» eskaintzen diola hizkuntzaren erabilera dela medio. Batzuk beldur dira erdi mailako lanen argitalpenak ez ote dien egilearen tesiari eta haren izen onari kalte egingo. Hala ere, kritikari batek duela gutxi adierazi bezala, «Wallaceren obra —nobelak, ipuinak, ez-fikziozko lanak— kanon garaikidean ondo egokituta daude, eta haren heriotzaren ostean argitaraturiko bigarren mailako saiakera pare batek ez du hori arriskuan jarriko». Erotu egin da herria? Egun oso zabaldua badago ere, bidegabekerien aurrean asaldatzen dena erotzat hartzeko joera ez da berria, Machado de Assis-en 'Alienista' 1882ko nobelak erakusten duenez. Joaquin Maria Machado de Assis idazle brasildarra (1839-1908). Amaitzera doan urteari errepaso egiten hasi dira Mendebaldeko komunikabideak, eta denetan hitz bat da nagusi: krisia, dela ekonomikoa, dela politikoa, dela soziala. Hurrengo urtean herrialde bakoitzeko agintariek, «liderrek» batzuei esatea gustatzen zaien bezala, zer-nolako erabakiak hartuko dituzten, nola aurre egingo dioten egoerari aurreikusten saiatzen dira komunikabideak. Herritarrari ere hitza ematen ahalegintzen dira; azken batean, hura da krisiaren eragina gehien pairatzen ari dena. Eta urte osoan han eta hemen izandako erreboltak aipatzen dituzte, herritarraren neke eta haserrearen sintoma. Politikari zenbaitek oraindik ere serioski hartzen ez dituzten neke eta haserrea. Haientzat, espazio publikoak okupatzera dedikatzen den jendea edo bortitza da edo erotuta dago. Horixe izango da, arazoaren muina ikusteko gai dena erotuta dagoela, Joaquim Maria Machado de Assis idazleak iragarri bezala. Duela sei urte, Igela argitaletxearen eskutik, Machado de Assisen (Rio de Janeiro, Brasil, 1839-1908) O Alienista (1882) nobelaren euskarazko itzulpena iritsi zen liburu-dendetara, Alienista izenburuarekin. Joseba Urteagak itzuli zuen lana, portugesetik euskarara. Nobelan azaltzen zaigu ustelkeria arlo politiko, ekonomiko eta sozialean jarduera komuna bihurtu den honetan bidegabekerien aurrean asaldatzen dena erotzat hartu ohi dela. O Alienista umorezko nobela bat da, garai hartako kezka zientifikoak jomugan hartzen dituena. Gertaerak Rio de Janeirotik gertu kokaturik dagoen herrixka batean jazotzen dira. Simão Bacamarte izeneko zientzialariak, Portugalen ibilbide arrakastatsua lortu ostean, jaioterrira itzultzea erabakitzen du alor berria den psikologian ikerketa originalagoak egiteko asmoz. Hasiera batean ematen du Bacamarteren helburu nagusia zientziaren esparruan aurrerapenak egitea dela, jaioterrian Portugalen bezainbesteko ospea lortzeko. Baina herriko agintaritza ustelduak nahierara aritzeko askatasuna eman ostean Bacamarte herritarrak banan-banan eroetxera bidaltzen hasten denean, herritarrak (eta irakurlea bera) zientzialariaren benetako asmoez susmatzen hasten dira. Errebolta egiten dute haren kontra, baina huts egiten dute eta alienistaren boterea indartu besterik ez da egiten. Istorioaren amaierarako, baina, ez dakigu nor den benetan eroa: botereari oldartzen zaiona, ala boterearen legezkotasunaren barruan aritzen den alienista. Machado de Assis XIX. mendeko Hego Amerikako egile modernoenetako bat kontsideraturik dago. Egile oparoa izan zen, eta hainbat nobela, antzezlan, ipuin, poema eta saiakera idatzi zituen. Esperimentazioaren zale amorratu, XX. mendeko abangoardietako kezketako batzuk jadanik agertzen dira bere obran. Esklaboen biloba Egiazki, egilearen jatorria kontuan izanda, mirari bat dirudi haren ibilbideak. Familia xume batean jaio zen, eta haren aiton-amonak esklaboak ziren (1888. urtea arte ez zuten esklabotza Brasilen debekatu). Etxeko egoera ekonomikoa zela eta, Machado de Assis gazterik hasi zen lanean eta, ondorioz, ezin izan zituen oinarrizko ikasketak amaitu. Bere kabuz ikasten jarraitu zuen, ordea, eta auzokoen laguntza izan zuen horretan. Bere biografoek kontatzen dutenez, okinak frantsesa irakatsi zion bitartean herriko apaizak klasikoengana gerturatu zuen. Hamasei urterekin lehen poema argitaratu zuen, Ela, Marmota Fluminensealdizkarian, garai hartan Francisco de Paula Brito (Rio de Janeiro, 1809-1861) idazleak zuzentzen zuena. Handik urtebetera Inprimategi nazionalean tipografo lan egiten hasi zen. Ordukoak dira bere estreinako liburuak ere, Queda que as mulheres têm para os tolos (1861) nobela eta Crisálidas (1864) poema liburua. Maila profesionalean ere bere egoerak hobera egin zuen. 1881ean Nekazaritza, Merkataritza eta Herri-Lanetako idazkaritzako lehen mailako ofizial izendatu zuten, inoiz utziko ez zuen ibilbide burokratikoari hasiera emanez. Osasun aldetik, baina, nahiko makala zen idazlea. Epileptikoa izanik, krisi ugari izaten zituen, eta haietako batek ospitalean denboraldi luze bat igarotzera eraman zuen. Gaixoaldiaren ostean, bere estilo literarioa eta oro har portugesezko letren norabidea aldatuko zuen Memórias póstumas de Brás Cubas nobela osatu zuen. Liburu horri buruz Carlos Fuentesek idatzi zuen «aurreko mendeko iberoamerikar nobelarik handiena» dela eta «haren irakaspen zeharo askeak» ez zirela «erabat ulertuak izan kontinente espainoldunean XX. mendera arte». Aipatu nobelak hil berri den Bras Cubasen bizitza eta heriotzari buruzko gogoetak biltzen ditu. Egileak berak sarreran esaten duen bezala, Laurence Sterne eta Xavier de Maistereren eraginpean idatzi zuen lana. Jarraian, Quincas Borba (1891), darwinismo eta hautaketa naturalaren parodia, eta Don Casmurro (1899) argitaratu zituen. Azken hori Josu Zabaletak euskaratua da EIZIEk kudeatzen duen Literatura Unibertsala bildumarako. Ezagutu zutenen arabera, Machado de Assis harroputza zen eta nabarmenkeriara emana zegoen. Hortik abiatzen da kritika bere lanak, betiere aristokraziaren munduari lotuta, bere jatorri xumeagatik sentitzen zuen lotsa gainditzeko ariketak zirela esateko. Egia da haren lanean ez dugula unean uneko gertaerei egindako aipamenik aurkituko, baina hala ere XIX. mendearen amaierako Brasilen akatsak kritikatu egiten ditu zorrozki. Horren adibide da O Alienista. Aljeriako gudako lezioak Aljeriako gudaz esandakoengatik, Jean Paul Sartre intelektual engaiatutzat jo izan da; Albert Camusi, aldiz, kolonialismoaren logikari men egin izana leporatu diote. Eztabaidagarriak dira bi ikuspegi horiek. Jacques Ferrandezek Albert Camusen L'Hôte narrazioan oinarrituta egindako lanaren zati batzuk.JACQUES FERRANDEZ Saddam Husseinen erregimena suntsitu eta herrialdea kontrolpean edukitzea hilabete pare bateko kontua izango zela uste zuen AEBetako armadak Irak inbaditu zuenean, 2003ko martxoan. Abuzturako, baina, ohartu ziren kalkuluak gaizki egin zituztela eta estrategia zuzendu egin behar zutela. Hil horretan bertan, Pentagonoak Gillo Pontecorvoren La Bataille d'Alger (1966) filmaren emanaldi berezi bat antolatu zuen, AEBetako tropek Iraken aurkitzen ari ziren oztopoak ulertzeko eta gainditzeko asmoz. Emanaldiaren berri ematen zuen paskinean zera irakur zitekeen: «Terrorismoaren aurka nola bataila bat irabazi baina ideien gerra galdu. Umeek soldaduei tiro egiten diete. Emakumeek bonbak jartzen dituzte kafe etxeetan. Fanatismoa arabiar populazioaren jabe egiten da. Ezaguna egiten zaizu kontua? Frantziarrek plan bat dute. Taktikoki asmatu egiten dute, baina estrategikoki huts egin. Horren arrazoiak ulertzeko film honen emanaldira». Paskineko testutik bi ondorio atera daitezke: batetik, Frantzia eta AEBak alde berean lerrokatuz, Pentagonoak onartu egiten du, inkontzienteki bada ere, Iraken kontrako ekintza jarduera koloniala dela; bestetik, arabiarrak, direla irakiarrak direla aljeriarrak, terroristaren rolera kondenatuz (hots, metropoliaren indarkeria zilegitzat joz baina subjektu kolonizatuarena arbuiatuz) ukatu egiten du haien kolonizatu egoera eta, beraz, haiena independentziaren aldeko borroka dela. Adierak adiera, ez da harritzekoa deskolonizazio prozesu guztietatik Pentagonoak Aljeriakoa adibide moduan aukeratu izana, hain zuzen, bere garaian zeresan handia eman baitzuen (eta oraindik ere ematen du, horren adibide da aurtengo urtea arte itxaron behar izan dutela 1961ean Frantzian hil zituzten aljeriarren familiek gobernuaren aldetik erantzun bat jasotzeko), AEBetako esku hartzeak Ekialde Hurbilean ematen ari dena bezainbeste, eta eztabaida biziak piztu zituen Frantziako intelektualen artean. Aljeriako gudaz eta Frantziako intelektualen rolaz ari garela, bi izen datozkigu gogora: Jean-Paul Sartre eta Albert Camus. Biek ala biek luze idatzi eta hitz egin zuten Aljeriako kontuaz, independentziaren eta Jabhet Al-Tahrir Al-Watani taldearen alde (frantsesez, FLN Front de Liberation Nationale zeritzoten) lehenengoak, gatazkaren konplexutasunaz bigarrenak. Bere jarrera argi agertzeari uko egin ziola-eta gogor kritikatu zuten Camus, eta kolonialismoaren logikari men egin izana aurpegiratu zioten. Sartre, berriz, pentsalari engaiatuaren eredu moduan azaldu ohi zaigu, Fanonen Les damnés de la terre (1961) lanari egin zion hitzaurreari esker, besteak beste. Egia da gaur egun ere Camusen liburuetan azaltzen den «arabiar» izendapen generikoa, kolonoen ondorengo ez den orori emana, arrazistatzat ez jotzea zaila dela, kolonoari indibidualtasuna onartzen baitio eta zuria ez denari ukatu egiten baitio. Baina ez dugu ahaztu behar Sartreren lanetan ere pertsonaia beltz guztiak «beltza» moduan azaldu ohi direla, eta hala ere ez dira gutxietsi hark arrazakeriaren eta kolonialismoaren inguruan esandakoak. Gainera, kontuan hartu behar dugu Sartrek metropolitik idatzi zituela idatzitakoak, hots, gatazkaren tokian tokiko ezagutzarik gabe, eta Camusek, berriz, Aljerian jaiotakoa eta bertan hazitakoa zenez, barrutik ezagutzen zuela egoera. Horiek hala, esan genezake «arabiarra» subjektu interpelatuaren kondiziora mugatzeak izan dezakeela zentzurik, helburua bada kolonialismo egoeretan komunitateen artean dagoen ezezagutza eta mesfidantza azaltzea ezaguna denetik abiatuta. Camusen kasuan, ezaguna dena kolonoa da, independentzia gerra hasten denean bere buruari aitortu egiten diona zuria ez den Aljeriaz deus ez dakiela. 1954an, independentziaren aldeko mugimenduak martxan ziren urtean bertan idatzi eta handik hiru urtera, L'exil et le royaume bildumaren barruan, argia ikusi zuen L'Hôte narrazioak idazlearen jarrera horixe zela pentsatzera garamatza. L'Hôte Aljerian kokaturik dago, eta hiru pertsonaia protagonista ditu: Balducci jendarmea; garia lapurtu ziolako lehengusua hil egiten duen eta, ondorioz, atxilotzen duten «arabiarra»; eta Daru eskola maisua, Aljerian jaio eta hazia. Azken horrengana darama Balduccik presoa, Tinguiteko polizia estaziora entrega dezan. Daruk, baina, uko egiten dio horri, gatazkan parte hartu nahi ez duela argudiatuta. Balduccik, ordea, eskola maisua izanik gatazkan jadanik inplikatuta dagoela esaten dio, eta haren esku uzten du «arabiarra». Gaua elkarrekin pasatu ostean, hurrengo goizean dirua eta janaria ematen dizkio Daruk presoari, eta esaten dio ekialdera jo izanez gero bere burua entrega dezakeela, baina hegoalderantz abiatzen bada nomaden artean babesa lor dezakeela. Daruren harridurarako, gizonak ekialdera jotzen du. Eskolako arbelean, «Tu as livré notre frère. Tu paieras» idatzita aurkitzen du. L'hôte hitzak frantsesez biak, ostatu emaile eta ostatu jasotzaile, gonbidatu, adierazi nahi du. Latineko hospes-etik dator hitza, zeinak arrotz eta arerio adierazi nahi duen. Camusen istorioan nor da l'hôte? Daru? Arabiarra? Daruk ostatu ematen dio «arabiar» arrotz/arerioari, baina Daru, jaiotzez bertakoa bada ere, frantziar okupatzaileen ondorengo da. Zentzu horretan, arabiarra da Daruri ostatu ematen diona, eta Daru, aldiz, arrotza/arerioa. Nobel saria, berriro ere kritikaren jomugan Mo Yanek jasoko du Literaturako Nobel saria. BERRIA / BERRIA Iragan urrian jakinarazi zuen Suediako Zientzien Akademiak aurtengo Literaturako Nobel saria. Mo Yanek jasoko zuela —Guan Moye benetako izenez, Gaomi, Txina, 1955—. Berria zabaldu baino egun batzuk lehenago, hainbat komunikabidetan agerturiko kinieletan azaldu zen idazlearen izena eta, beraz, ez zen ezustekoa Nobel saria hark eskuratu izana. Edo horixe uste genuen behintzat. Duela egun batzuk, Herta Muller idazleak (Nitchidorf, Errumania, 1953) modu argi eta zorrotzean adierazi zuen Mo Yanen izendapenarekiko desadostasuna. Mullerrek «hondamendia» hitza erabili zuen egile txinatarrak Nobel saria jaso izanaren efektua deskribatzeko, eta esan zuen Suediako Zientzien Akademiaren erabakiaren berri jaso zuenean negar egiteko gogoa piztu zitzaiola. «Demokraziaren eta giza eskubideen alde lanean ari direnei aurpegian zaplasteko bat ematearen pareko izan zen», gaineratu zuen egile errumaniar-alemaniarrak. Mullerren aburuz, Mo Yanek zentsura kondenatu beharrean «txalotu» egiten du. Errumaniar-alemaniarrari zentsuraren gaia ez zaio arrotza. Hain zuzen, bere lanak behin baino gehiagotan zentsuraren biktima izan ziren Ceausescuren Securitateren menpe bizi izan zen garaian, eta gerora ere, Berlinen erbesteratu zenean, kosta zitzaion bere liburuak Errumanian oso-osorik argitaratzea. «Txinatarrek berek esaten dute Mo Yanek [gobernuko] ministro baten kargu bera duela», dio Mullerrek. Urrian bertan, Ai Weiwei artistak zera esan zuen, «[Mo] alderdiaren [komunista] ildoari modu argian jarraitzen dio, eta behin baino gehiagotan intelektualen independentziarekiko errespeturik eza erakutsi du». Bestetik, 2010ean Bakearen Nobel saria jaso zuen Liu Xiaboren kartzelatzearen inguruan hitz erdirik ez esan izana aipatzen du Mullerrek. Nobel saria jaso eta hurrengo egunean kazetariei egindako adierazpenetan, Mo Yanek esan zuen Liu ahalik eta lasterrena aske geratzea espero zuela. Mullerren ustez, lau urte lehenago esan behar zituen hitzok, «edo behintzat saria jaso baino bi aste lehenago». Suediako Zientzien Akademia Literatur Nobel sariak banatzen hasi zenetik hauxe da izendapena Txinako egile baten eskuetara joaten den bigarren aldia. Aurretik, 2000n hain zuzen, Gao Xingjianek (Ganzhou, 1940) jaso zuen. Gao, baina, 1980ko hamarkadatik Frantzian bizi da, erbestean, eta herrialde horretako herritartasuna du 1997tik. Literatur Nobel sariaren epaimahaiak komunikabideetara igorritako oharraren arabera, Mo Yanek «herri istorioak, historia eta garaikidetasuna errealismo magikoarekin» trebeki uztartu izana goraipatu zuen, eta gaur egun Txinako idazlerik garrantzitsuena dela gaineratu. Egiazki, obra oparoa du egileak —haren azken lanetako bat, Shïngs píláo (Bizitzak eta heriotzak nekatu egin naute, 2006) 42 egunean idatzi zuen—, baina Mendebaldean, zinemara egokitu dizkioten bi eleberrirengatik da batik bat ezagun, biak ala biak Zhang Yimouk zuzenduak: Hong gaoliang jiazu (Basarto gorriaren klana, 1986) eta Shifu, yuelaiyue yuomo(Shifu, edozer egingo zenuke barre egitearren, 1999); —azken hori euskaratzeko beka jasoko du aurten Jokin Zaitegi sariketaren irabazleak—. Hong gaoliang jiazu, Mo Yanen nobela gehienak bezala, egilearen jaioterrian kokaturik dago (Gaomi), kasu honetan japoniarren okupazioaren garaian. Landa eremuko errealitatearen paradigma gisa erabiltzen du idazleak jaioterria, baina errealitate horrekin harreman gutxi du gaur egungo Gaomik. Dena dela, 1980. urtearen ostean eta Deng Xiaopingen erreformak hasi arteko epean jaio ziren 350 milioi txinatarrentzat mundu ezezaguna da Mo Yanek bere lanetan deskribatzen duena. Eta haiek dira, hain zuzen, egilearen literatura gehien irakurtzen dutenak. Haur bakarraren legea hizpide Kritikaren aburuz, haren lanetan iragana eta errealismo magikoa modu deliberatuan erabiltzen ditu Mo Yanek, agintarien haserrea saihesteko. Egia da haren azken nobelak (Wa , Igela, 2011) Txinako haur bakarraren legea duela hizpide, azken uneko abortuak, gogoz kontrako antzuketak eta bestelako egoera traumatikoen lekuko den amagin baten ikuspuntutik. Hala ere, kritikaren galdera da zergatik erabaki duen gai horri buruz idaztea orain, legea bera ezbaian dagoenean. Mo Yanek dio 80ko hamarkadatik zeukala ideia hori buruan, baina ezin izan diola orain arte heldu bestelako kontuak zituelako esku artean, «ez gaiarekiko ardurarik ezagatik». Txinako literatura garaikidearen itzulpengintzan diharduen Eric Abrahamsenen ustez, Yanek, Txinako beste hainbat idazlek bezala, ondo neurtzen du zer esan daitekeen eta zer ez. Ez dago ezer txarrik horretan; artista guztiek ez dute jendaurrean beren desadostasuna adierazteko adorea. Yanek «ondo daki non dauden mugak, eta ez ditu zeharkatzen». Haur bakarraren legearen gaineko eztabaida posible delako argitaratu du lan bat horren inguruan, ez beste ezergatik. «Horregatik argitaratu diotela uste dut, polemikoa ez delako», dio. Mo Yanek Txinako agintariekin duen afiliazioa edozein delarik ere, berea ez da hautsak harrotu dituen lehen Literaturako Nobel izendapena —gogoratu besterik ez dago zeinen gatazkatsua izan zen V.S. Naipaulen hautapena, edo Mario Vargas Llosa berarena iaz— ezta azkena izango ere. Azken finean, Suediako Zientzien Akademia ez dago interes politikoen atzaparretatik libre. Gizon-emakumeen erabakien menpe dauden neurrian, Nobel sariek ere eragin dezakete desadostasuna. New Yorkeko jende ederra aldirietan bizi zenekoa A. M. Homes idazlea, May We Be Forgiven nobelaren egilea. CHRISTOPHER GABELLO Hainbat egunez argindarrik eta edateko urik gabe egon ostean, New Yorkeko biztanleak bizimodu normalera itzultzen ari dira pixkanaka-pixkanaka. Irailaren 11ko atentatuen ostean, mehatxu terroristei aurre egiteko prozeduretarako diru dezente baliatu zuten hiriko agintariek. Ordutik hona, baina, behin ere ez zaie burutik pasatu natura, kasu honetan Sandy urakana, Ameriketako Estatu Batuetako toki ezagunenetako baten kontra altxa zitekeenik, eta, ondorioz, hiriko eremu babesgabeenak utzita egon dira denbora honetan guztian. Espero zitekeen bezala, azken horiek izan dira kalterik larrienak jasan dituzten tokiak. Bestalde, David Harvey antropologo eta geografoak Rebel Cities (2012) lanean «dirudun eta espekulatzaileen erreinu» izendatzen duen Manhattan nahiko ondo atera da hondamenditik. Harveyren aburuz, bitxia da hiriko eremurik gatazkatsuenetako bat zena nola pribilegioaren ikur bilakatu den azken mendean. Izan ere, garai batean langileen topagune zen Manhattan, baina aberatsak eta erdiko klaseko kideak aldirietan bizi ziren. Gaur egun, ordea, langileek hartzen dituzte aldirietatik hirigunerako bidea egiten duten trenak; aberatsek eta erdiko klaseko kideek, berriz, ez dute inora mugitu beharrik. Garai batean, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, aldiriei buruz idazten zuten New Yorkeko idazleek. Richard Yatesen nobelari zein John Cheeverren ipuinei esker, Westchester County, hiriaren iparraldeko auzunea, ekialdeko kostaldeko Yoknapatawpha bihurtu zen. Kasu horretan, baina, AEBetako hegoaldeko familia tradizionalen sekretuen ordez, aldirietako familien miseriak zeuden jomugan. Yatesen Revolutionary Road (1961) genuke horren adibide garbia. Alabaina, 1970eko hamarkadatik aurrera, hiriaren mapa kognitiboa zabaldu egin zen, eta bestelako eremuek hartu zuten protagonismoa. Dena den, Westchesterren ukitu mi(s)tikoa ez dago erabat galduta; bizirik irauten du Mad Men telebista saioan, Banana Republic arropa dendaren diseinuetan eta A. M. Homesen (Washington DC, 1961) lanetan. Aldirietako familien bizitza Music for Torching (1999) nobelan, egunero hirira egindako tren bidaiak eta asteburuetako barbakoak aitzakia hartu zituen Homesek, aldirietako familien bizitza pribatuaren alderdi oro aztertzeko. The Safety of Objects (2003) bildumako ipuinetan beste horrenbeste egin zuen, eta, haietako batzuetan oinarrituta, nobelaren izen bereko film independentea osatu zuen Rose Trochek. (Filmak, hain zuzen, Donostiako 49. Nazioarteko Zinemaldia zabaldu zuen). Hurrengo lanetan, New Yorkeko aldiriak alde batera utzi, eta AEBetako mendebaldeko kostaldeari begira jarri zen Homes. Nobela horiek ez zuten hainbesteko arrakastarik izan irakurle zein kritikaren artean, eta, agian horregatik, edo akaso bere ingurune naturalari buruz idaztearen falta sentitzen zuelako, bere azken lanean, May We Be Forgiven (2012, Barkatuak izan gaitezela), ekialdeko kostaldeko pertsonaien miseriei heldu die berriz. May We Be Forgiven nobelako narratzailea, Harry Silver izeneko adin ertaineko gizon zuria, «Nixologian» irakasle da. Ezaugarri horiek aipatuta, bati Don DeLilloren White Noise-ko Jack Gladney datorkio gogora, «Hitler ikasketetan» aditua azken hori. Bi pertsonaien arteko lotura ez da kasualitate hutsa. Hain zuzen, Harry Silver Jack Gladneyren lehengusu urruna dela esan genezake. Harryren aburuz, Nixonek aitaren rola bete zuen mundu historian. Aitatasun kontzeptuaren alderdi politikoa baino gehiago alderdi biologikoa interesatzen zaio; hots, Nixonekiko lotura biologikoak zeintzuk diren aztertzea du obsesio. Nobela hasieran, maitasunik gabeko ezkontza batean harrapaturik dago Harry. Manhattanen duen apartamentua arras itsusia iruditzen zaio, eta bere eskolak zinez aspergarriak dira. Bere anaia Georgek, berriz, telebistako zuzendari boteretsu bati dagokion bizimodua darama: emazte erakargarria du, seme-alabak ikastetxe pribatu ospetsuetara bidaltzen ditu, eta lagunarte interesgarria du. Harryk ez bezala, Georgek badaki nahi duena nola eskuratu. Auto istripu batek, baina, egoera makalean utziko du George, eta, hura ospitalean den bitartean, haren emazte Janek Harryren babesa bilatuko du. Halako batean, Georgek ospitaletik ihes egingo du, eta etxera iritsitakoan anaia eta emaztea ohean harrapatuko ditu. Amorruak sututa, hil egingo du emaztea, lanpara batekin buruan jota. Esandakoarekin bakarrik nobela bat osa daiteke, baina May We Be Forgiven lanean emaztearen heriotza hasiera baino ez da. Hain zuzen, anaiak epaia jakin bitartean, Harry aldirietara joango da anaiaren seme-alabez arduratzera, eta orduan hasiko da benetako istorioa. Homesen itzulera, New Yorkeko aldirietara, ez da edonolakoa. May We Be Forgiven generoaren maisuei, geografia jakin bati buruz zehaztasunez idaztea genero deitzerik badago, omenaldi argia da. Haien idazkera eta obsesioak bereganatu ez ezik, nobelaren pertsonaia galeriaren parte bihurtu ditu Homesek. Hala, John Cheever gogora ekarriko du, edariak eskuan eta gonbidatuen buila artean ilunabarrari begira dauden etxejabeen eszena deskribatzerakoan. Beste pasarte batean, Starbucks kafetegi baten aurrean, Don DeLillorekin topo egingo du narratzaileak. Maiz, aipamenak ez dira hain argiak, baina nobelan zehar antzeman daiteke aipatu bi egileen presentzia. Zurien gailentasunaren kontra, ironia Sherman Alexie idazlearen lana giltzarri da gaur egungo indiar-amerikar errealitate konplexua ulertzeko. Sherman Alexie idazle indiar-amerikarra (Wellpinit, Washington, 1966). BERRIA / BERRIA Urriaren 8an Columbus Day delakoa ospatzen dute Amerikako Estatu Batuetan. Hego Amerikan eta Espainian, berriz, Hispanitatearen Eguna dute urriaren 12a. Aipatu bi egun horietan, gertaera bera gogoratzen da, hots, Kristobal Kolon eta haren eskifaia gaur egun Amerika moduan ezagutzen den lurraldera lehen aldiz iritsi zirenekoa, 1492an. Horrela esanda, eman dezake Ipar zein Hego Amerikan mundu guztiak bat egiten duela ospakizunarekin, baina ez da egia. Hain zuzen, urteak dira lurralde horretako indigenak bai Columbus Day bai Hispanitatearen Eguna egutegitik ezabatzeko eskatzen dabiltzala. Aurten ere beste horrenbeste gertatu da. Aurreko astelehenean, The Guardian egunkariaren sareko edizioan, Oglala Lakota Sioux tribuko kide Dana Lone Hillek Amerikako indigenen kontrako genozidioa diskurtso nazionalista akritikoaren eta kontsumistaren ospakizun bihurtu dela salatu zuen Columbus Day: no cause for celebration (Kolonen Eguna: ospakizunetarako arrazoirik ez) izeneko artikuluan. AEBetan nazioaren sorrera uneari loturiko data izan ez ezik, udazkeneko merkealdiaren barruan egun handienetako bat da Columbus Day. Izenburutik bertatik Hillek argi uzten du genozidioaren biktimen ondorengoek urriaren bigarren astean ezer ospatzeko arrazoirik ez dutela, ez bada beren arbasoen memoria eta kolonizazio unetik hona herri indigenek zein haien aldekoek aurrera eraman dituzten erresistentzia ekintzak. Azken horien artean, 1990ean Hego Dakotako gobernadoreak, George Mickelsonek, urriaren 8a Native American Day izendatu izana aipatzen du Hillek; ekimen xumea, egileak berak onartzen duenez, baina, bizikidetza sustatzeari begira, urrats esanguratsua. Bestelako ekintza batzuk ere aipa zitzakeen Hillek, hala nola kultur mundutik bultzaturikoak, baina, jakina, artista edo idazle batek esan edota egindakoak ez du politikari batek esan edota egindakoak adinako arreta pizten. Hala ere, azken urteetan indiar-amerikarren memoria eta eskubideen alde lan egindako pertsonak aipatzen hasita, batek ezin du Sherman Alexie (Wellnipit, Washington, 1966) ahaztu. Ogibidez idazlea da Alexie, bai, baina gaur egungo indiar-amerikarren artean gutxi dira, are gehiago, inork ez du berak bezalako arrakasta lortu mundu akademikoan zein komunikabideen artean, esparru antagonikoak izanda ere. Zein da haren ospearen arrazoia? Idazle bikaina dela esan beharrik ez dago, eta hainbat sari ere jaso ditu bere lanagatik. Orain arte poesia eta narratiba landu ditu batik bat; hogei lanetik gora argitaratu ditu, besteak beste, The Lone Ranger and Tonto Fistfight in Heaven (1994), The Toughest Indian in the World (2000), Ten Little Indians (2003) narrazio bildumak eta Reservation Blues (1994) eta Indian Killer(1996) nobelak. Azkenak, Blasphemy: New and Selected Stories, hil honetan argitaratu dute. Baina bikaintasun literarioaz gain, Alexiek badu edozein aurrekari (bere kasuan, arraza zuriaren nagusigoa) entzuten eta pentsatzen jartzeko aparteko teknika, hots, umorearen erabilera. Spokane eta Coeur d'Alene tribuetako kide da Alexie, eta lehenengoak Washington estatuan duen erreserban hazi zen. «Kanpoko» munduarekin lehen enkontrua nerabezaroan izan zuen, bigarren hezkuntzako ikasketak egiteko hirira joan behar izan zuenean. Garai horri buruzko oroitzapen onik ez du Alexiek. Bera eta beste mutiko bat ziren zentroko indiar-amerikar bakarrak, eta azken horrek futbol taldeko maskotarena egiten zuen. Alexieren lanak indiar-amerikar orok, lehenago edo beranduago, aurre egin behar dion une traumatikoaren inguruan dihardu: halako batean, ohartzen da bere errealitatea besteek eraikia izan dela, eta beste horiek ez dutela begi onez ikusten. Une horretan indiar-amerikarra bere nortasuna kuestionatzen hasten da, berak izan nahi duenaren baina besteek berarengandik espero dutenaren artean konponbide bat bilatu nahian. Flightnobelan (2007) —hegaldia edo ihesa itzul daiteke izenburua— gai horien inguruan gogoeta egiten du Alexiek indiar-amerikar umezurtz baten irudiaz baliatuta; aitak ez zuelako inoiz bere aitatasuna onartu, legez indiar-amerikarra ez den mutiko baten bitartez, hain zuzen. Umea indarkeria zurrunbilo batean sartuko da, baina gertakariek bultzatuta, amaieran borroka armatua eta mendekua zilegi ote diren galdetuko dio bere buruari. Flight-en deskribatzen zaigun indarkeriaren modukoak toki berezia betetzen du Alexieren obran. Hori dela eta, hainbat kritikarik James Baldwin idazle afroamerikarraren lanarekin parekatu dute Alexieren obra. Dena dela, Baldwinen erlijioarekiko kezka erabat desagertu egiten da Alexieren kasuan, baina ironia, aldiz, oso presente dago. Ironiaren bidez, arraza zuriaren gailentasuna kritikatzeaz gain, zenbait indiar- amerikarren jarrera kitsch-a zalantzan jartzen du. Gogoko duen gaietako bat, hain zuzen, indiar- amerikarren inguruko estereotipoak dira, zuriek bultzaturikoak baina, kasu askotan, indiar-amerikarrek beraiek modu akritikoan bereganaturikoak. Alexieren ustez, zuriek ikasi egin behar dute bestea errespetatzen, baina hori bezain garrantzitsua da norbere burua errespetatzen ikastea. Horri buruz da, azken batean, haren literatura, baita indiar-amerikar gazteei begira antolatzen dituen ekitaldiak ere. Munduko herrialdeak, poesiaren izenean batuta Southbank zentroak mundu osoko poetak bildu zituen aurreko astean Londresen, Poetry Parnassus jaialdian. Eli Tolaretxipik parte hartu zuen euskaraz. Eli Tolaretxipi, parte hartu zuen Poetry Parnassus jaialdiko bi emanalditan. Eskuinean, lehen emanaldian, eta ezkerrean, bigarrenean. ESTIBALITZ EZKERRA Arteak hartu ditu Londresgo kaleak, eta Southbank zentroak betetzen duen eremua, Tamesis ibaiaren ertzean, ez da salbuespen. Ekainetik konplexu arkitektonikoa —munduko arte zentrorik handiena dela esatea gustatzen zaie londrestarrei; izan ere, Royal Festival Hall, Hayward Gallery, Queen Elizabeth Hall, Purcell Room, Poesia liburutegia eta ikuskizunetarako 21 akre biltzen ditu— eskulturaz eta horma-pinturaz inguraturik dago. Eraikinen barruan ere instalazio interesgarri askoak aurkituko ditu bisitariak. Besteak beste, Lucy + Jorge Orta artista taldeak egindakoa, Antarctica World Passport—Delivery Bureau. 1959an Argentinak, Australiak, Belgikak, Txilek, AEBek, Frantziak, Erresuma Batuak, Japoniak, Norvegiak, Zelanda Berriak, Hegoafrikak eta SESB ohiak sinaturiko itunak ezartzen du Antartika lankidetza kultural eta zientifikorako lurralde komuna dela, eta ekintza militar oro debekaturik dago han. Horregatik, hain zuzen, Lucy + Jorge Orta bikotearentzat Antartika bakea eta gizarte aurrerapena helburu duen komunitatearen adibide da. Beren instalazioan, mundu osoko banderek, oihal zatiek eta argazkiek osatua berau, ideia horretan oinarritu dira, nazio berri bat proposatzeko. Nazio horretako kide izan nahi duenak bertan egin dezake Antartikako mundu pasaportea eskuratzeko tramiteak, munduko herritar izendatzeaz gainera munduan askatasunez bidaiatzeko aukera eskainiko diona, modu sinbolikoan jakina. Mugen zentzugabetasunaz urteak hitz egiten bagabiltza ere, utopia baita oraindik munduan nahierara ibiltzea. Hitzen trukatzea Lucy + Jorge Ortaren lanak ondo laburbiltzen du Poetry Parnassusen edo Southbank zentroak berak aurreko astean jaso zuen jaialdiaren nondik norakoa. Astebetez, 204 herrialde ordezkatu zituzten beste horrenbeste poetek beren lana beren ama hizkuntzan irakurri zuten. Euskal Herriaren izenean Eli Tolaretxipi aritu zen jaialdian. Haiekin batera hainbat boluntario egon ziren, dela itzulpenak egiten, dela ekintzetan parte hartzen. Ekitaldiaren lekukotasun gisa, gonbidatu guztien poema bana liburu batean bildu dute, The World Record: International Voices from Southbank Centre's Poetry Parnassus delako antologian. Bigarren Mundu Gerra ostean zabaldu zuten Southbank zentroa, 1951n hain zuzen, eta ordutik kultura sustatzea izan da haren helburua. Aurten, Londresen mundu osoko kirolarien topagune diren Olinpiar Jokoak izango direla aitzakia hartuta, kultura arloan espiritu bereko ekitaldi bat antolatu behar zutela otu zitzaien. Horrela sortu zen Poetry Parnassus. Kirolarien ordez, mundu osoko poetak gonbidatzea zen helburua, baina elkarren kontra lehian ibili beharrean, beren lana elkarri irakurriko zioten. Hortik jaialdirako Parnassus izena aukeratu izana. Greziar mitologiaren arabera, musen etxea zen Parnaso. Han zegoen Castalia iturria, bere uretatik edaten zuena inspirazioz betetzen zuena. Topagune eta inspirazio iturri, kontzeptu horiek beraiek erabiltzen ditu Anna Selby Southbank zentroko literatur ekitaldien koordinatzaileak Poetry Parnassus azaltzeko orduan. Jaialdiak hitzen eta istorioen trukea erraztea lortu nahi zuten, eta poesiak betidanik horixe egin duela ohartu ziren. «Utopia da mugarik gabeko mundua imajinatzea. Hizkuntza ezberdinetan mintzo gara, kode ezberdinak erabiltzen ditugu. Baina poesia kultura guztietan aurkitzen den zerbait da. Poesiak batu egiten du hizkuntzak bereizi egiten duena», adierazi zuen Selbyk jaialdiko ekitaldietako batean. Beraz, kultur aniztasuna ez ezik, poesia bera ospatzea zen Poetry Parnassusen xedea. Nor bere hizkuntzan Poesia metahizkuntza bat izatera irits daitekeela edo izan badela esatea ausartegia litzateke, komunikazio ekintza bat den heinean hizkuntzaren ulergarritasunaren menpe dagoelako. Selbyk berak onartu zuen itzultzailearen lana poetarena bezain garrantzitsua dela gaur egun, eta jaialdiak argi utzi zuen hori. Hain zuzen, poeta guztiak beren jatorrizko hizkuntzan aritu ziren, eta ondoan zuten itzultzaileak ingelesera aldi bereko itzulpena egiten zuen bitartean. Itzulpenaren gaiak gertaera bitxia eragin zuen jaialdiko ekitaldi izarra izan behar zuen (eta izan izan zen) irakurraldian. Royal Festival Hall ezagunean bildu ziren Wole Soyinka (Nigeria) eta Seamus Heaney (Irlanda) Nobel saridunak zein Kay Ryan (AEB), Jo Shapcott (Ingalaterra), Kim Hyesoon (Hego Korea), eta Bill Manhire (Zelanda Berria) poetak. Hyesoon izan ezik gainerakoak ingelesez arituko zirela aurreikusita zegoen. Baina, antza denez, Heaney ezeroso zegoen Irlanda ingelesa bakarrik hitz egiten duen herrialde moduan azaltzearekin. Horregatik, bere saioa irlanderaz idatzitako poema batekin hastea erabaki zuen, eta jarraian ingelesera itzuli zuen, jaialdiaren politikarekin bat egiteko. Poetak barkamena eskatu zuen atzerriko hizkuntza batean idatzia izateaz gain berea ez den poema bat hautatzeagatik, baina Poetry Parnassusera bere jaioterriko hizkuntzaren doinua ere eraman nahi zuela azaldu zuen. Azken batean, gainerako poetak beren ama hizkuntzan aritu izan baziren, zergatik ez bera? Heanyk ez zekiena zen gainerako poetak ez zituztela beren ama hizkuntzagatik gonbidatu, beren lana jadanik ingelesera itzulita dagoelako baizik. Hau da, ingelesari esker ziren haien ahotsak ezagun. Baina Poetry Parnassus, antolatzaileek adierazi bezala, lurralde komun bat baldin bazen, zergatik egin hizkuntz bakarraren aldeko apustua? Are gehiago, zertarako behar du munduko herritarrak pasaportea mugarik gabeko munduan ibiltzeko? Arkitektura, lekuko fidagarria? Azken hiru hamarkadetan arkitektura forentsea gatazka guneak aztertzeko tresna bilakatu da. Eyal Weizman irakasleak bere azken liburuan zalantza agertzen du jarduera horri aitortu zaion erabateko fidagarritasunaz. Eyal Weizman, The Least of All Possible Evils: Humanitarian Violence from Arendt to Gaza liburuaren egilea. SINADURA / AGENTZIA Arkitektura. Architectura latinez; (arkhitekton) grekoz, (nagusi, buruzagi) eta (sortzaile, zerbait eraikitzen duena) hitzen uztarketaren emaitza. Hiztegiaren arabera, zerbait planifikatu, diseinatu eta eraikitzeko prozesua zein emaitza da arkitektura. Funtzio bat du arkitekturak edo, hobeto esanda, behar jakin batzuei erantzutea du helburu, nahiz eta estetika funtzioa bezain garrantzitsua edo hura baino garrantzitsuagoa izan daitekeen. Izan ere, eraikin forma hartzen duelarik, kultur sinbolo eta artelan moduan ulertu ohi dugu arkitektura. Hortik dator zibilizazio baten historia eta lorpenak haren arkitekturaren arabera neurtzeko joera izatea. Zeren arkitekturak ez du gezurrik esaten. Lekukorik fidagarriena da, fidagarritasuna eskasa den garai hauetan. Eta fidagarritasun horregatik, hain zuzen, gatazka militarren nondik norakoak aztertzeko eta ulertzeko ezinbesteko tresna bilakatu da azken hiru hamarkadetan. Egun, arkitektura ez da zerbait eraikitzen (bizia ematen) trebe direnen esparrua bakarrik; eraikin horien hezurrak aztertzen (heriotza ulertzen) dakiten forentseen lanabes ere bada orain. Gure mendea, dudarik gabe, arkitektura forentsearen mendea da. Arkitektura forentseak indarkeria kasuren baten «lekuko» izan den arkitektura aztertzen du, teknologiaz baliatuz eta legearen esparru baten barruan, giza eskubiderik urratu den ala ez egiaztatu ahal izateko. Ildo horretan, esan daiteke arkitektura forentseak bitartekari lana egiten duela biktimen eta legearen artean. 1990eko hamarkadan eman zituen arkitektura forentseak lehen pausoak eta, gaur egun, ezinbesteko tresna bihurtu da nazioarteko gatazken eragina ulertzeko orduan. Hain zuzen, epaiketetan biktimen tokia betetzen dute orain auzitegiko arkitektoek. Architect aldizkari ezagunak 2009ko uztailean arkitektura forentseari eskainitako monografiko batean esaten zuen arrakasta izateko arkitekto forentseek diseinatzailearen begia, zientzialariaren burmuina eta detektibearen sena izan behar zutela. Ez da gutxi. Eyal Weizmanek (Haifa, Israel, 1970) urte batzuk daramatza arkitektura forentsearen nondik norakoak aztertzen. Ahalmen handiko eremua dela uste du berak, baina alderdi ilunak izan badituela gaineratzen du. Weizman Arkitektura Azterketarako Zentroko zuzendaria da Goldsmiths Collegen, Londresen. Bere azken liburuan, The Least of All Possible Evils: Humanitarian Violence from Arendt to Gaza (Ahalik eta kalterik txikiena: Indarkeria humanitarioa, Arendtekin hasi eta Gazaraino, 2011), Israelen eta Palestinaren arteko gatazka adibide moduan hartuta, gogoeta egiten du giza eskubideen diskurtsoari forma emateko orduan gauza materialek gaur egun duten betekizunaz. Weizmanen lanak bi ardatz ditu: kalkulua eta materialtasuna. Kalkulua (hots, proportzionaltasuna, hildakoak, e. a.) behin eta berriro azaltzen da gatazka azterketa orotan. Gizakiei, objektu bizigabeei eta inguruari egindako kaltearen kalkuluak gidatzen ditu nazioarteko legea, giza eskubideen diskurtsoa eta gobernu jarduerak. Weizmanek hiru erakunde horiek adosturiko hogeita hamar zibilen gutxieneko kopurua jartzen du adibide moduan, zeinaren arabera gutxieneko kopuru horretatik aurrera ezin den zehar kalterik justifikatu. Gobernuak hildakoen kopurua ahalik eta txikiena izaten ahalegintzen dira, baina beti dago gutxieneko kopuruaren eremu beltzean (ez gobernuek, ez giza eskubideen diskurtsoak erreklamatzen ez duten eremu beltz horretan) eroriko den norbait. Hogeita bederatzigarren pertsonak eta haren ostekoek legearen babesa jasoko dute, ez ordea haien aurrekoek. Kalkulua ez da beti alderdi materialetik bereizita azaltzen. Hain zuzen, Weizmanen argudio nagusia da arkitektura forentseak bi jardunak ia bereizezin bihurtu dituela; urteekin giza eskubideen eremuan lekukotasuna, testigantza eta halako kontzeptuak alde batera uzten joan direla, ebidentziaren diskurtsoari uzteko lekua. Gizakiak ez bezala (horiek gezurra esaten dute, gauzak ahaztu egiten zaizkie, esan beharrekoa aldez aurretik pentsa dezakete, kalkulurako gaitasuna dute), gauzak (eraikinak, objektuak, armak) isilak dira, ez-subjektiboak, indarkeriari buruz «egia» esaten dute. Weizmanen arabera, «jarduera forentsearen garaia» ezerk definitzekotan, honexek definitzen du: duela gutxi arte, nazioarteko epaitegietan esperientzia traumatikoen ikur zen biktimaren ahots zehaztugabe eta hauskorraren mugak gainditzeko nahia, hura baztertuta. «Lekuko materialak dimentsio etiko eta kultural askozaz zabalago batetik interpretatzen dira», esaten du Weizmanek. «Hori da, behintzat, auzitegiko arkitektoen ustea. Baina jarduera horretan, objektu misantropoa ez da giza ziurgabetasun, anbiguotasun eta antsietatearen alternatiba iraunkor eta zehatza. Aitzitik, gaur egungo praktika forentsean, interpretazio eta ikerketa jarduerengatik beraiengatik giza testigantzari egotzitako arazoak (subjektibotasunari dagozkion horiek) objektuaren arazo bihurtu dira». Alegia, kontua ez da objektua fidagarria den ala ez, baizik eta hura interpretatzeaz arduratzen den subjektua zenbateraino izan daitekeen objektiboa. Horrelakorik ez da posible. Weizmanen aburuz, arkitekturak historia ulertzen lagun diezaguke, baina argi izan behar dugu historia hori ez dela inoiz harena izango (objektuarena), geurea baizik. Errealitatea azaltzeko ikuspuntu etikoaren bila Hamar egile Mendebaldeko Alemanian 1977an izandako gertaeren konplexutasuna azaltzen saiatu ziren 'Deutschland im Herbst' filmean (Alemania udazkenean). Sorkuntzaren eta etikaren arteko loturaren inguruko kezka zuten Deutschland im Herbst-en egileek. Z / BESTEAK Eskain dezake zinemak errealitateari buruzko ikuspuntu etikoa? Zein izango litzateke halako planteamendua aurrera eramateko generorik aproposena? Bi galdera horiek buruan zituztela ekin zioten lanari Deutschland im Herbst(Alemania udazkenean) filmaren osaketan parte hartu zuten zuzendariek 1978an. Hamar zinemagile ziren guztira: Heinrich Boll, Hans Peter Cloos, Rainer Werner Fassbinder, Alexander Kluge, Maxmiliane Mainka, Edgar Reitz, Katja Rupe, Volker Schloendorff, Peter Schubert eta Bernhard Sinkel. Filmaren ardatza, berriz, 1977an Mendebaldeko Alemanian jazotako Hanns-Martin Schleyer enpresariaren eta RAF Armada Gorrien Frakzioko hiru kideren heriotzaren ingurukoak azaltzea zen. 1977ko irailaren 5ean RAFek Alemaniako Industrien Federazioko presidente Schleyer bahitu zuen Kolonian. Hura aske uzteko baldintza zen Mendebaldeko Alemaniako gobernuak kartzelan zeuden RAFeko hamar kide zein Turkian preso zeuden bi palestinar jarraitzaile libre uztea. Gobernuak negoziatzeko asmorik ez zuela ikusita, PAFP Palestinaren Askapenerako Fronte Popularraren laguntzaz, Lufthansa konpainiako hegazkin bat bahitu zuten RAFekoek urriaren 13an, eta Arabiar penintsulan bueltaka ibili ostean (tartean Juergen Schumann kapitaina hil egin zuten), Muqdishon (Somalia) lurreratu ziren. Urriaren 18an, Siad Barre Somaliako presidentearen baimena jaso ostean, Mendebaldeko Alemaniako gobernuak hegazkina menpean hartu zuten, eta operazioan bahitzaileetatik bakarra atera zen bizirik. Horren ondorioz, RAFek Schleyer hil egin zuen. Bulegoa Stuttgarten zuen albiste agentzia bati eman zioten abisua bahitzaileek, eta enpresariaren gorpua hurrengo egunean aurkitu zuen Poliziak, Mulhose inguruan (Frantzia), Audi 100 auto bateko maletategian sartuta. Gau hartan bertan, kartzelan zeuden RAFeko hiru kide, Gudrun Ensslin, Jan-Carl Raspe eta Andreas Baader) hilda aurkitu zituzten beren ziegetan. Baader eta Rasp tiro batekin hil ziren; Ensslin, berriz, urkatuta. Gobernuak hasitako ikerketaren arabera, presoek beren burua hil zuten, baina ez zegoen argi armak nola iritsi ziren haien eskuetara. Azken batean, segurtasun handiko presondegia zen hura. Pistolak haien abokatu Arndt Muellerrek pasatu zizkiela esan zuten orduan, nahiz eta hori ere sinestea zaila gertatu. Deutschland im Herbst proiektuan parte hartu zuten zinemagileek argi zeukaten filma ikusi ostean 1977ko krisiaren gainean ikuspegi konplexua eta askotarikoa izan behar zutela ikusleek. Alemaniarrei gogorarazi nahi zieten historia iraganeko gertaerak eztabaidatzeko eta deskribatzeko modua dela, eta, oroz gain, historia ezin dela ezkutatu. Nazismoaren eragina presente zegoen 1977ko gertaeretan. Horretarako, filma ataletan antolatzea erabaki zuten, zinemagile bakoitzak haietako baten ardura hartuta. Deutschland im Herbst aztertzeko orduan, Klugek zuzenduriko atalari eman ohi diote kritikariek pisu gehien. Klugek tragediaren aldeko apustua egiten du bere atalean, formaz zein edukiz. Horren arabera, alemaniar gazteei klasikoak irakasteko programari jarraituz, Sofoklesen Antigona tragediaren telebistarako egokitzapen lanen ingurukoak azaltzen zaizkigu. Behin grabaketak bukatuta, egokitzapena telebistako buruei eta Kultura ministroari aurkezten die lana zuzendariak, baina hauek ez diote egokitzapenari onespenik ematen, beldur baitira ikusleek Sofoklesen tragedia une horretan Mendebaldeko Alemanian gertatzen denaren alegoriatzat jotzea. Antigona terroristen defendatzaile moduan ulertua izatea eragotzi asmoz, lanaren emisioa bertan behera uzten dute egoera baretu arte. Alabaina, Bonnie Honig Northwesterngo (AEB) irakasleak esaten duen bezala, tragediak arazo bat du: heroi bat behar du beti, boterean dagoenari aurre egingo diona, baina boterearen kontzeptua zalantzan jarriko ez duena. Tragedian norbaitek jarri behar du ordena. Eromena denean jaun eta jabe, terrorismoa nagusitzen denean, dela estatuarena dela talde independenteena, heroientzako tokirik ez dago. Bestalde, ez da ahaztu behar Hitlerrek izugarri miresten zuela antzinako Grezia, haren arabera ulertzen baitzuen (alemaniar) nazioa: klasikoa, hilezkorra, loriatsua. Totalitarismoaren hitz gakoak. Melodramaren alde Askozaz interesgarriagoa da Fassbinderren melodramaren aldeko apustua. Ekintza eta pertsonaia heroikoei bizkarra emanez, bere atalean gertaerek zinemagilearengan berarengan duten eragina azaltzen du. Fassbinder mutil-lagunarekin duen apartamentuan babesten da hedabideen zein Poliziaren jazarpenetik. 1977ko gertaerek erabat paranoiko, baita malenkoniatsu ere, bihurtu dute. Mutil-laguna gaizki tratatuz saiatzen da bere frustrazioa arintzen, baina badaki horrek ez duela ezer konponduko. Ezin du bere egoera aldatu, ezta iragana ere. Fassbinder ez dago terroristen alde; higuina ematen dio hegazkinaren bahiketak. Baita errugabeen bizitzarekin horrela jokatzeak ere. Baina ez da boterean dagoen gobernuaren aldekoa ere. Nola ukatu hildakoaren familiari hileta eskubidea. Zinemagile moduan, bere ardura nagusi eta bakarra orduko eromena ulertu eta hortik ihes egiteko moduak bilatzea da. Joseph Kony ez da Ugandak duen arazoaren muina Joseph Kony gerra kriminala gogor gaitzetsia da AEBetan. Baina Ugandako idazleek, gerra kriminalak ahaztu gabe, Mendebaldeak (neo)kolonialismoarekin duen konplizitatea ere salatu dute. Goretti Kyomuhendo, Waiting: A Novel of Uganda's Hidden War eleberriaren egilea. Iragan martxotik hona, Kony 2012 Invisible Children taldeak ekoitzitako film laburrak zeresan handia eman du Ameriketako Estatu Batuetan zein Ugandan. Lan horren bidez babesa eman nahi diote Stop Kony ongintzako mugimenduari; abenduaren 2012rako Joseph Kony Ugandako gerra kriminala atxilotua izatea nahi du mugimenduak. Baina filmak ezer gutxi esaten du Ugandaz zein haren egoera politikoaz. Kony bera eta haur soldadu batzuk agertzen dituzten fotograma pare bat kenduta, kapitalismoaren ikurtzat jo daitezkeen AEBetako hiri paisaiak, familia eszenak eta politikariak azaltzen ditu lanak. Filmaren izenburuak berak, une honetan AEBetan gertatzen ari den hauteskunde kanpainari egiten dio aipamena. Kasu honetan, ordea, «hautagaia» Kony da, eta AEBetako politikariei, demokrata zein errepublikanoei, hari dagokion eserlekua hartzera laguntzeko eskatzen die: ez presidentetzakoa, baizik eta auzitegikoa. Jadanik sare sozialetan bolo-bolo dabilen telebista agerraldi batean, George Clooney aktoreak mugimenduari bere atxikimendua azaldu dio. Beraren ustez, Kony eta halako gaizkileak bera bezain ospetsuak balira, aise atxilotuko lituzkete, baina Mendebaldeko herrialdeen interesak zapuzten ez dituzten bitartean, inork ez du haien berririk izaten. Hala ere, Kony 2012 irensten zaila egiten zaie askori, ez Kony gerra kriminala denik zalantzan jartzen dutelako, Ugandaz eta oro har Afrikaz ematen duen irudiagatik baizik. Independentzia aspaldi irabazi arren, Kony eta gisakoak perretxikoak bezala ekoizten jarraitzen du lurraldeak, eta Mendebaldeko potentziek bakarrik lagun diezaiekete ugandar gizajoei. Filmak behin ere ez du azaltzen zerk egiten duen Kony eta gisakoen jarduera posible; ezjakintasunagatik ala itsukeriagatik ez da horrelako planteamendurik egiten? Moses Isegawa (Sey Wava jaiotzez, Kampala, 1963) eta Goretti Kyomuhendo (Hoima, 1965) idazleei ezin zaie ez ezjakintasunik ez itsukeriarik leporatu. Ez dute ez bata ez bestea izateko arrazoirik, ezta aukerarik ere. Independentziarekin jaio ziren biak (Ugandak 1962an utzi zion Erresuma Batuko kolonia izateari), eta haren gezur eta kontraesanekin hazi. Luze idatzi dute biek Idi Aminen agintaldi odoltsuaz, bere izugarrikerian ondo adierazten baitu zertan den Uganda poskoloniala. Indarkeria, gaitz kutsakorra Isegawak bi liburu argitaratu ditu: Abessijne kronieken (Abisiniako kronikak, 1998) eta Slangenkuil (Sugegorri habia, 1999), biak Aminen erregimenari buruzkoak. Lehenengoak 1960 eta 1980ko hamarkada bitarteko gertaerak azaltzen ditu Mugezi izeneko landa eremuko gazte baten ikuspuntutik. Politikatik eta gizarteko eremu guztietara zabaldu den krudelkeria eta indarkeria gaitz kutsakor gisa deskribatzen zaizkigu nobelan: behin organismoan sartuta berdin du zein den haren jatorria, abiadura osoz zabaldu, kutsatu eta akabatu egiten baitu organo oro. Kolonoek sartu zuten indarkeria Ugandan. Aminek hari jarraipena eman zion, Erresuma Batuaren eta Israelen laguntzarekin lehenik, eta bi potentzia horiek haren kontra jarri zirenean, Errusia, Saudi Arabia eta Libiaren babesarekin. Eta ugandarrek beraiek sistematizatu egin zuten eguneroko bizitza hartara egokitzean. Nobela amaieran aitaren hitzak gogora ekartzen ditu Mugezik: «[Aitak] esaten zuen Uganda zoru faltsuko lurraldea dela, amildegi ororen azpian beste bat dagoela jendea irensteko zain, eta historialariak oker zeudela: Abisinia ez zen antzinako Etiopia, Uganda garaikidea baizik» (abyss hitzak amildegi esan nahi du ingelesez). Slangenkuil nobelak, berriz, gaizkiarekin bizi eta hartara egokitzen den funtzionario bat du protagonista. «Justizia hil edo biziko kontua da», dio Isegawak. «Politika eguneroko bizitzan gertatzen da… Norbaitek poltsa lapurtzen badizu Australian, Poliziarengana zoaz salaketa egitera. Afrikan gauzek ez dute horrela funtzionatzen; batzuetan justizia zeure esku hartu behar duzu». Isegawak bezala, bere gaztaroa markatu zuten gertakariei buruz idazten du Goretti Kyomuhendok. Alabaina, Isegawaren lanetan ez bezala, emakumeak dira protagonista Kyomuhendoren nobeletan. Waiting: A Novel of Uganda's Hidden War (Zain: Ugandako gerra ezkutuari buruzko nobela, 2007) 1979an kokaturik dago, Aminen agintaldiko azken hilabeteetan. Diktadorearen soldaduen erasoaren beldur, zeinak Tanzaniako armadaren eta harekin bat egin duten ugandar disidenteen kontra borrokan ari baitira, Alinda 13 urtekoa eta haren familia Hoima herrixkan babesten dira, Uganda mendebaldean. Aminen gizonak, baina, Hoimara ere iritsiko dira, eta Alindaren gurasoak hilko dituzte. Neskak bere neba-arreben kargu egin beharko du, bere ingurukoak borrokari lotzen zaizkion bitartean. Gerrak banatuko du Uganda, eta inork ez daki hortik ezer onik aterako den. Ezen Tanzaniako armada eta errebeldeak Aminen kontra ari baitira borrokan, baina diktadorea ez da herrialdearen arazo bakarra. Isegawa eta Kyomuhendoren lanen harira, kazetari batek idatzi du Mendebaldeko idazle zuri batek ezingo zuela halako garra eta konplexutasuna azaldu Uganda eta, oro har, Afrikari buruz idatziko balu. Isegawa eta Kyomuhendoren obraren balioa, baina, ez zaio egileen jatorriari zor, egiarekin duten konpromisoari baizik. Haien nobeletan Mendebaldeak (neo)kolonialismoarekin duen konplizitatea argi adierazten da, baita azken hamarkadetako gertaeren inguruan afrikarrek duten erantzukizuna ere. Haruki Murakamiren japoniartasun ukatua Aspaldikoa da japoniar literatura jatorraren eta ez-jatorraren inguruko auzia, baina indar handiz berritu da hainbat idazlek azken urteetan izandako arrakastaren ondorioz. Mendebaldean gehien saltzen duten egileetako bat da Haruki Murakami (Kioto, Japonia, 1949). Bere liburuak japoniar literaturaren oraina eta geroa direla adierazi dute hainbatek. Are gehiago, berea Mendebaldeko idazle batek sor ezin zezakeen obra dela esatera iritsi dira, lanaren kalitatea bakarrik gure kanonean sartzeko nahikoa arrazoi ez balitz bezala. Haren libururik irakurri ez duzula, egilearen izena bera arrotza zaizula esan eta sinesgogorkeriaz begiratuko dizu jendeak, hori bai, gizalegez jokatu ohi duen jendea baldin bada. Izan ere, litekeena da halako ezjakintasunaren aurrean ingurukoek beren mespretxua garbi azaltzea. Gauzak horrela, komunitatetik kanpo sentitzearen zama ezin eramanda, gertuen dagoen liburutegira joko duzu ditxosozko Murakamiren azkena erostera, letren paradisuko ateak irekiko dizkizun itxaropenez. Alabaina, askok uste dutenaren kontra, japoniar gizartea erdibituta dauka Murakamiren obrak. Batzuek, gazteek batez ere, pentsatzen dute beren herrialdeko letrei azken hamarkadan gertatu zaien onena dela, aire berriak, garaikideak zabaldu dituela. Beste batzuen ustez, aldiz, Murakamiren literaturak japoniarretik ez du ezer, estilo zein eduki aldetik erabat mendebaldarra irizten diotelako. Masao Miyoshi literatur adituaren iritziz, Murakamik ez du Japoniari buruz idazten, «liburu erosle atzerritarrek [Japonian] ikusi nahi duten horri buruz» baizik. Bien bitartean, Kenzaburo Oe Nobel saridunak esaten du Murakamik japonieraz idazten duela baina haren idazkera ez dela «erabat japoniarra... New Yorken naturaltasun osoz irakur dezakete hura». Murakami, baina, ez da hain harrera kontrajarriak eragin dituen egile japoniar bakarra. Banana Yoshimoto dugu beste adibideetako bat. Japoniar akademiaren arabera, Yoshimotoren probokazio maila are okerragoa da. Murakamik japoniar izendapen jatorrari eusten dio, behintzat; hots, abizena lehenik eta izena ondoren idazten du. Yoshimotok, ordea, Banana abizena hartzearekin nahikoa izan ez eta Mendebaldeko estiloari jarraituz sinatzen du, izena lehenik eta abizena ondoren. Txikikeria bat eman dezake horrek, baina Japonian gizabanakoak gizartean betetzen duen tokiaren adierazgarritzat jotzen da izen eta abizenaren ordena. Alegia, norberak bere familiari eta arbasoei zor die izena eta izana, hortik abizenari izenari baino garrantzi handiagoa ematea. Aurrekari horiekin ez gintuzke harritu behar egileak bere lehen lanari Kitchin (1993) izenburua jarri izanak, ingelesezko kitchen (sukaldea) hitza japoniarrek ahoskatu bezala idatzita. Lana nobela labur batek eta ipuin batek osaturik dago, eta Mendebaldeko hizkuntza sozioekonomikoan erabat trebaturik dauden japoniar gazte batzuk ditu protagonista. Mendebaldeko idatzizko bitartekoetan «ohitura komedia» moduan deskribatu zuten lana, «ukitu lirikoa» ere baduena, hain «japoniarrak» diren motiboekin (galera, samina, familia maitasuna) batera agertzen dena. Bestelakoa da, baina, Miyoshiren balorazioa. Haren ustez, Kitchin Japonia amerikanizatu baten aldeko aldarria da, argi eta garbi. Iraganaren irudi nostalgikoa Japoniar literatur jatorraren eta ez-jatorraren inguruko auzia aspaldikoa da, baina indar handia hartu du azkenaldian Murakami, Yoshimoto eta gisako idazleek lortu duten arrakastaren harira. Sinpleegia litzateke esatea Japonia ez dela bere idazleen arrakastarekin gehiegi pozten; aitzitik, arazoaren gakoa arrakasta hori ahalbidetu duten balio kulturaletan dago. Mendebaldeak japoniar literaturaz duen irudia Bigarren Mundu Gerra osteko asmakizun bat da. 1950 eta 1960ko hamarkadetan, Japoniaz zuen ezagutza eza gainditze aldera hango literatura itzultzeari ekin zion Mendebaldeak. Itzulpenari propio heldu baino lehen, baina, japoniar literaturaren kanona osatu behar zuen lehenik, herrialdearen arima ondoen islatzen zuten egileen lanetan oinarrituz. Irizpide horren arabera, idazle zerrenda ondoko izenetara mugatu zen: Jun'ichiro Tanizaki, Yasunari Kawabata eta Yukio Mishima. Jakina, hiru egileen lana mespretxatu gabe, esan beharra dago kanon horrek Japoniarekin (herrialdea bere konplexutasun eta aniztasun osoan kontuan hartuta) baino gehiago Mendebaldeko gustu literarioekin harreman estua zuela. Are gehiago, Mendebaldeak Japoniaz zuen ustean oinarritua zegoen, Japonia izanik iragan galduaren irudi nostalgikoa, samuraien ohore kodea: exotikoa eta arrotza aldi berean. Estereotipoek bizitza laburra dute baldin eta kanpotik ezarriak badira, baina haren oinarrian dagoen kulturak edozein delarik kausa bere egiten dituenean zaila da estereotipoa egiatik bereiztea. Horixe da, funtsean, Japoniak japoniar literaturari buruz duen iritziarekin gertatu dena. Mendebaldearen diskurtsoa bere egin du bere literatura definitzeko orduan, asmakizuna zena totalizatuz eta naturalizatuz. Horrek ez du esan nahi Jun'ichiro Tanizaki, Yasunari Kawabata eta Yukio Mishima japoniar literaturaren adierazgarri ez direnik, baina haiekin ez da japoniar gizartearen iruditeria amaitzen. Murakami eta Yoshimotoren lana haiena bezain japoniarra da. Kontua zera da, Japonia bat eta bakarra dela sinetsi nahi dutela batzuek, baina horrelakorik ez da inoiz existitu Mendebaldearen ametsetan ez bada. Hizkuntza sedukzio tresna bihurtzen denekoa Abdelfattah Kilito idazle eta kritikari marokoar probokatzaileak, beste zenbaiten aldean, itzulpengintza etikoa proposatzen du, 'Ez duzu nire hizkuntzan hitz egingo' liburuan. Abdelfattah Kilito idazlea (Rabat, 1945). Arabiar munduko idazle eta literatur kritikari interesgarri eta probokatzaileenetako bat dugu Abdelfattah Kilito (Rabat, Maroko, 1945). Denetariko lanak idatzi ditu, dela fikziozkoak dela itzulpengintzari buruzkoak. Edozein delarik ikuspuntua, Kilitok Mendebaldearen eta mundu arabiarraren arteko harremana aztertzen du bere liburuetan, (neo)kolonialismoaren eragina hobeto ulertze aldera. Haren fikziozko lanetan ohikoak dira Mendebaldeko kulturaren sedukzioaren atzaparretan erori edo hari aurre egiten saiatzen diren pertsonaiak. Sedukzioa, Kilitoren hiztegian, kolonialismoaren armarik indartsuena da. Sedukzioaren oinarrian dago norberaren jarreraren gorespena, baina gorespen hori bakarrik da posible baldin eta besteek —gu ez garen horiek, alegia— onartzen badute. Sedukzioa hainbat modutan ager daiteke: «aurrerapen teknologikoa» izena darama batzuetan, «demokrazia» bestetan. Kulturak ere sedukzio ahalmen handia du. Hizkuntza edota literatur tradizio jakin baten handitasuna aipatuko zaigu, gainerakoak bigarren mailan utzita. Azken horri buruz dihardu Kilitoren (Ez duzu nire hizkuntzan hitz egingo, 2002) liburuak. Esaten dute hizkuntza baten eta dialekto baten arteko aldea zera dela, hizkuntza armadadun dialektoa dela. Armada hori zehazki definitzeko eskatu, eta Kilitok berehala esango digu maila ideologikoan funtzionatzen duela batik bat baina haren eragina ez dela eremu horretara mugatzen. Aitzitik, ondorio materialak izan baditu. Jarraian, beharbada Napoleonek Egipto okupatzerakoan (1798-1801) martxan jarri zuen plana aipatuko digu. Frantzia eta frantsesaren nagusitasuna arabiar mundura zabaltzeko orduan, Egipto indarrez hartzea ez zela estrategia egokia otu zitzaion, herritarren ezinikusia eragingo zuelako horrek. Alde horretatik, askozaz eraginkorragoa iruditu zitzaion egiptoarren adimena konkistatzea. Horretarako, Frantziak Egiptoren kultur ekoizpenari buruzko zertzelada guztiak jakin behar zituen, eta, helburu horrekin, lurraldearen historia eta geografia zehaztasun osoz jasoko zuen entziklopedia osatzeko agindu zuen Napoleonek. Milaka eta milaka testu itzuli zituzten arabieratik frantsesera, Ekialdeko kontuetan adituak ziren akademiko frantsesek (Edward Saiden orientalistak) azter zitzaten. Ondoren, historia hori guztia bere testuinguruan kokatu beharra zegoen, hots, bere burua Grezia eta Erroma klasikoaren ondorengo zuzentzat zuen Frantziaren aldean Egiptok zein toki betetzen zuen. Taktika sotil horrekin frantsesa hizkuntza bihurtu zen, arabiera dialektoaren rolera kondenatuz mundu kolonialean. Itzulpengintza, batez ere literatur arlokoa, ezagutza asmo zintzo eta osasuntsu batek gidaturik dagoela pentsatzeko joera dugu gaur egun, baina Napoleonen adibideak konplikatu egiten du uste hori. Hastapenetik, itzulpengintza eta literatura konparatzearen jarduera «garaipen» eta «konkista» kontzeptuei lotuta joan da, helmuga hizkuntzak markatu duelako zer den itzuli beharrekoa eta nola ulertu behar den hura. Ez duzu nire hizkuntzan hitz egingo liburuan ezin hobeto aztertzen du Kilitok itzulpengintzaren alderdi ilun hori, baita arabiar munduan izan duen eragina azaldu ere. Izan ere, Europako hizkuntzen aldean arabiera bigarren mailako, hots, «dialekto» moduan aurkeztu izanaren eraginez, mundu arabiarrak itzulpengintzarekiko jarrera atzerakoi samarra agertu du azken hamarkadetan. Napoleonen garaian, pentsalari arabiar asko beren hizkuntza literatura frantsesaren mailako lanak eskaintzeko gai ez zela sinistera iritsi ziren, arabiera hizkuntza konplexua eta zabarra —hau da, frantsesaren ukitu poetikorik gabea— zelako. Alabaina, independentzia osteko urteetan, arabiar harrotasunaren urteak dei genitzakeen horietan hain zuzen, arabiera hizkuntza sakratua zela eta horrek itzulezin bihurtzen zuela defendatzen zuen diskurtsoa nagusitu zen. Sakratua izatearen ideia Korana arabieraz idatzita egoteari zor zaio, jakina. Aldi berean, beste hizkuntzaren batean idatzirikoa arabiarrentzat interesgarria ez zela iritzita, atzerriko literaturaren itzulpenari bizkarra eman zioten. Beraz, arabiar hizkuntzaren defendatzaileek Napoleonen orientalisten jarrera bere egin dute, mundu arabiarrean kolonialismoa zeinen barneratua duten agerian utziz. Kasu honetan, ez da frantsesa hizkuntza eta arabiera dialektoa; aitzitik, arabiera hizkuntza bihurtu da gainerako hizkuntzak dialekto mailan jarrita. Napoleonen garaiko orientalisten zein hainbat arabiarren jarrera arbuiagarria iruditzen zaio Kilitori, baina, aldi berean, agerian uzten dute zenbat dagoen jokoan lan bat itzultzen den bakoitzean. Itzuli ez baitira paper gainean dauden hitzak bakarrik itzultzen; prozesu horretan, kultura oso bat (berriro) interpretatzen da helmuga hizkuntzako irakurlearentzat. Interpretazio une hori ez da batere inozentea, baina alde handia dago hizkuntza batetik besterako itzulpen prozesua prozesu zuzen eta gardena dela defendatzen dutenen eta itzulpengintzaren inplikazio ideologikoez kontziente direnen artean. Kilitoren aburuz, azken horiek erakusten duten jarreratik abiatuta soilik irits gaitezke itzulpengintza etiko batera, eta horixe da, hain zuzen, Ez duzu nire hizkuntzan hitz egingo lanean defendatzen duena. Haiti, historia alternatiboa Haitiko historia denbora luzez atzerriko ahotsek gidatu zuten, hango idazle zenbaiten aburuz; azken urteetan, baina, Haitiko idazleek gidaritza hartu dute, eta irla-nazioaren historia kontatzen hasi dira. Edwige Dandicat, Haitiko idazlea. Munduko herrialderik pobreena da Haiti, baina badirudi hondamendi bat gertatzen denean bakarrik gogoratzen garela kontu horrekin. Hilaren 12an lurrikara batek herrialdea suntsitu zuenetik bi urte bete ziren, eta, nola ez, komunikabideek aste osoa pasatu dute epe horretan Haitin jazotakoak komentatzen, haitiarrek «aberastasun materialen faltan, ondasunik handiena, itxaropena» dutela azpimarratuz, egunkari batean azaldu bezala. Aztertzekoa litzateke noren ikuspuntuaren, noren interesen alde egiten duen adierazpen horrek, ezen Haiti ez zen beti «mendebaldeko hemisferioko naziorik txiroena», Laurent Dubois eta Deborah Jenson Haiti Humanitateen Laborategiko zuzendariek (Duke Unibertsitatea, AEB) duela gutxi salatu bezala. XIX. mendean, hain zuzen, Haiti nekazaritza berrikuntzaren eredu izan zen, eta hari esker arrakasta ekonomiko handia lortu zuen. Toussaint L'Ouverture buru izan zuen esklabo iraultzaren (1791-1804) ondotik jazo ziren gertaerok, askatasuna lortu berri zuten beltzek Jean Casimir soziologoak «kontra-plantazio» sistema izendaturikoa indarrean jarri zutenean. Esklabo zirela, kanabera azukrea landatu eta prozesatzen zuten beren jabeentzat, baina elikatu barrakoien inguruan zituzten baratze txikietan landatzen zutenetik elikatzen ziren. Baratze txiki horietan landare askotarikoak elkarrekin ereiten zituzten, nekazaritza sostengarriaren adibide goiztiarra izanik. Askatasuna lortu ostean, haitiarrek nekazaritza mota hura erabiltzen jarraitu zuten fruituak, barazki sustraidunak eta atzerrian saltzeko kafea ereiteko. Landetxe txikiak sortuta, esklabotza garaiak definitu zituzten plantazio handietara itzultzeko aukera saihestea zen helburua. Landetxe sistemak ekonomia deszentralizatzea posible egin zuen (jarduera ekonomikoak 11 eskualde autonomoren artean banaturik zeuden), haitiarrei beren bizimoduaren gaineko kontrola ematearekin batera. Ameriketan ziren afrikar jatorrikoen artetik, Haitiko beltzek bizi- baldintzarik onenak izatea lortu zuten. Urte gutxiren buruan, Haiti etorkinen helmuga bihurtu zen, batez ere afrikar-amerikarrena. AEBetako gobernuak ez zuen Haiti ofizialki errekonozitu 1862a arte, baina estatubatuar merkataria irla-nazioarekin negozioak egiteko prest agertu ziren hasieratik. (Europako herrialde kolonialistei ere kosta zitzaien Haiti errekonozitzea, beren kolonietan han jazotako iraultzen modukoak gertatzearen beldur baitziren. Bien bitartean, Frantziak jabe frantsesei kendutako plantazioen kalte-ordaina bere gain hartzeko eskatu zion Haitiko Gobernuari; horrek maileguak eskatu zituen, gastuari —nazioaren aurrekontuaren %30— aurre egitearren, zorra ziklo batean sartuz). XX. mendean, baina, haitiarren sistemak presio handia jaso zuen. Kanpotarrak, Haitiko elitea lagun, landetxe txikiak aurrerapenari begira oztopo bat zirela esaten hasi ziren. AEBek Haiti okupatu zuten 1915 eta 1934 bitartean, eta jarduera ekonomikoa Port-au-Princen zentralizatu zuten. Bestetik, konstituzioa berridatzi zuten, eta horri esker atzerritarrek lurra erosteko eskubidea lortu zuten (fundatzaileek debekatu egin zuten hori esklabutza eragozteko), eta baserri txikiak atzerritar korporazioek gidaturiko plantazio handiekin ordezkatu zituzten. Haitiarrak okupazioaren kontra altxatu ziren, baina errepresioa izan zen erantzuna. Sistema aldaketari ekonomiaren eta ingurugiroan gainbehera jarraitu zitzaion. Gaur egun, Haitin kontsumitzen den janariaren erdia inportatua da. Diskordia iraultzaren ondotik zabaldu zela uste du C. L. R. Jamesek. The Black Jacobins: Toussaint L'Ouverture and the San Domingo Revolution (1938) liburuaren egilearen aburuz, nazioaren narrazioa atzerritarrek, urruneko ahotsek, oportunistek gidatu zuten. Azken urteetan, baina, Haitiko idazleek gidaritza hartu dute eta irla-nazioaren historia lehen pertsonan kontatzeari ekin diote. Haietako bat da Edwige Danticat (Port-au-Prince, 1969). Danticaten literatur ekoizpenak, Krik? Krak! (1996) ipuin bilduma zein Brother I'm Dying (2007) nobela biltzen dituena, haitiarrek beren herrialdearen iraganarekin duten harremana aztertzen dute. New Yorken bizi da egilea nerabe bat zenetik, baina jaioterriarekin duen harremana ez da batere ahuldu. Akaso Haitin gertatzen denaz kontzienteagoa da, The Farming Bones (1998) lanean azaltzen duen bezala. 1930eko hamarkadan kokaturik dago The Farming Bones, eta haitiarrek «kout kouto» esaten dioten masakrea du hizpide. 1995ean Danticat Dominikar Errepublika eta Haiti banatzen dituen Masakre ibaia bisitatzera joan zen, eta harrituta geratu zen inguru horretako jendearen bizimodu patxadatsuarekin. Izan ere, herritarrek erabat ahaztua zuten urte batzuk lehenago kokaleku horretan jazotako sarraskia. Horren aurrean, egileak biktimak eta haien sufrimedua memorializatzea erabaki zuen, haien historia kontatuz. 1937an Dominikar Errepublikako presidenteak, Rafael Trujillok, lurraldean zeuden haitiar guztiekin akabatzeko agindu zion armadari. Gehienak matxeteekin hil zituzten. Diktadorearen helburua zen dominikarrak eta haitiarrak segregatzea, kontrol zorrotzagoa ezartzeko bi herrien artean. Sarraskiak iraun zuen bost egunetan, hamar mila haitiarretik gora galdu zuten bizia. Askatasunaren itsutasuna Octavia Butlerren arabera 'Kindred' nobelan esklabotzak orainaldian duen eragina aztertzen du Pasadenako idazleak, galerak eta trauma gainditzeko zurien eta beltzen arteko desberdintasunak, alboratu eta ahaztu beharrean, aintzat hartu behar direla aldarrikatuz. AEBetako plantazio bateko esklaboen irudi bat. Generoei buruzko eztabaida aspaldikoa da literatur munduan. Generokotzat jotzen da goi-literatura dei genezakeen kategoriatik kanpo dagoen literatura, genero beltzeko nobela, esaterako, baina sailkapen hori nahiko arbitrarioa da, izan badirelako goi-literaturatzat har daitezkeen generoko lanak. Are gehiago, goi-literatura kategoria bera arras problematikoa da, Mendebaldeko ikuspuntua izan dena —Matthew Arnold eta T.S. Eliot izango genituzke haren ordezkari nagusi; lehenengoaren Culture and anarchy giltzarri da goi-kulturaren teorizazioan— ordezkatzen duelako: goi-erdi mailako klasearen kide den gizonezko zuriaren ikuspuntua, alegia. Beste arazo bat planteatzen du aipatu sailkapenak: lan bat generokoa izendatua den unetik, formak edukiaren irakurketa baldintzatzen du. Formak edukian eragina izan badu, baina horrek ez du esan nahi eragin hori negoziatu —harekin jolastu, mugara eraman, gainditu— ezin denik. Aitzitik, lan baten balioa negoziazio horren arabera —arrakastatsua den ala ez— neurtu ohi dugu. Bestalde, generokotzat jotzen den lanaren egileak «idazle» izateari uzten dio «genero-jakin-baten-idazle» bihurtzeko. Izendatze tiraniaren biktima, hots, genero-jakin-baten-idazle bihurturiko idazlearen adibide argia dugu Octavia Butler (Pasadena, Kalifornia, AEB, 1947-Washington, AEB, 2006). Zientzia-fikziozko nobelen idazle moduan igaro da historiaren analetara, nahiz eta bere lanak zientzia-fikzioa baino askozaz gehiago diren. Afrikar amerikarren esperientzietatik abiatuta historia alternatiboa proposatzen dute bere lanek, orainaren konplexutasuna agerian utziz. Tamalez, bere lanetatik bakar bat bera ere ez dago euskaraturik. —Gazteleraz, Bloodchildipuina eta Xenogenesis zein Parables trilogietako nobelak irakur daitezke; bere lan gehienak itzuli dituzte frantsesera—. Kolorearekiko itsutasuna Humanismo liberalaren eta haren fruitu den multikulturalismoaren kontrako kritikak ugaritu egin dira azken hamarkadetan. Berdintasuna du aldarri humanismo liberalak, baina azaleko berdintasuna da hura, ez baita arazoaren muinera —ezberdintasuna eragiten duten faktoreak— joaten komenigarria ez zaiolako. Helburua, izan ere, ahalik eta gizarte uniformeagoa, zuriagoa —balioei begira— lortzea da. Ingelesez, muturreko berdintasunari colorblindness esaten zaio, hots, kolorearekiko itsu, kolorea bereizteko ezgai izatea. Arraza eta klasea estu loturik daude —Stuart Hallek esaten duen bezala, arrazaren bitartez bizi da klasea—, baina itsu denarentzat ezberdintasunik ez da existitzen. Butlerren Kindred (1979; frantsesez Liens de sang, 2000) nobelak ezin hobeto azaltzen ditu itsutasun/keria mota horren ondorioak AEBen eta esklabotzaren testuinguruan. 1976. urtea da, Los Angeles. Dana izeneko emakume beltz gaztea eta bere senarra —zuria—, etxez aldatu berri dira. Liburuak kutxetatik atera eta apaletan jartzen ari dela, Danak konortea galtzen du eta bere onera etortzen denean bera dagoen tokitik gertu mutiko zuri bat lakuan itotzear dela ikusten du. Amaren garrasiek erakarrita mutikoaren aita azaltzen denean eskopeta eskuan, Dana ohartzen da okerreko tokira eta garaira garraiatua izan dela. XIX. mendeko Marylanden dago, eta erreskatatu duen mutikoa plantazio jabearen semea da. Mutikoaren aitak atxilotua izan baino lehen, Dana 1976an da berriro, Los Angelesko apartamentuan. Danak beste hiru bidaia egingo ditu iraganera, eta haietako batean senarra izango du lagun. Prozesu horretan, lakuko mutikoa, Rufus, bere arbasoa dela jakingo du. Izan ere, Rufusen eta Alice izeneko neskato beltzaren semea da bere birramonaren amaren aita. Nobelak aurrera egin ahala, eta plantazioko egunerokotasunean murgiltzen den heinean, Danak esklabotza sistemaren nondik norakoak ezagutuko ditu, nola jabe / esklabo rolak modu konpultsiboan jokatzearen ondorioz, zerbait naturala bilakatzen diren. Logika horri jarraituz, Rufus haurra, Danarekin hain goxo zena, Rufus heldu doilorra bilakatuko da, sexu grinak jota libre jaiotako Alice esklabo bihurtuko duena. Eta esklaboen seme-alabak, txikitan modu inozentean esklaboen salerosketara jolasten ziren haiek, esklabo bihurtuko dira. XIX. mendera bidaiatu aurretik, Dana erabat kezkatuta dago afrikar amerikarren arazoekin. Kezka horiekin bat dator senarra, baina berea jarrera askozaz baikorragoa da. Bidaiak, baina, arazoaren sakontasuna begi aurrean jarriko die. Esklabotzak errotik aldatu zuen beltz eta zurien arteko harremana, eta barkamena eskatzeak ez du iragana aldatzen lagunduko. Aitzitik, zuri eta beltzen arteko ezberdintasuna aintzat hartzea ezinbestekoa da, galerak eta trauma gainditzeko. Marylandeko esperientzia gogorragoa da Danaren senarrarentzat, zuria den aldetik. Emazteari XIX. mendera egindako hirugarren bidaian laguntzen dionean, zuria izatea benetan zer den ohartzen da: askatasuna hitzaren zentzu hertsian, askatasun horren oinarria delarik beste batzuen jazarpena. Foucaultek dio gatazka gune oro aztertu behar dela botereak nola jokatzen duen ulertzeko, baina argi esaten du oker handia litzatekeela gatazka horiek guztiak gatazka bera balira bezala tratatzea. Oker handia litzateke, hain zuzen, humanismo liberalaren atzaparretan eroriko ginatekeelako. Zuria ezin da beltz izan. Baina elkartasuna agertzea posible eta beharrezkoa da. Hemingway deseraikitzen Woody Allenen 'Midnight in Paris' filmarekin hasita, hainbat dira egilea haren heriotz urteurrenean gogora ekarri duten lanak. Corey Stoll aktorea, Ernest Hemingwayren rolean, Woody Allenen Midnight in Paris filmean. Woody Allenen zinemak ez du jarraitzaile askorik AEBetan, kaleko jendearen artean batez ere. Diotenez, intelektualegiak dira haren lanak; psikoanalisiaz eta, azken hamarkadetako haren ekoizpena kontuan hartuta, teoria postestrukturalistei buruz ideia orokor bat izan behar du batek Allenen lanen sakontasuna ulertu ahal izateko. Alabaina, New Yorkekoaren filmek arrakasta handia izan ohi dute Europan, eta ez dut uste Europako biztanle arrunta Freuden zein Derridaren obraren gainean askozaz jantziagoa denik. Allenen filmetan pertsonaiak nola irudikatuak izan diren edo, hobeto esanda,irudikatze prozesuak berak haren filmetan jokatzen duen rola kontuan izanda, esango nuke AEBetako biztanle arrunta Allenen lanarekin aurrez aurre jartzen dutenean Freudek ispiluaren metaforarekin azaldu nahi izan zuena gertatzen dela: pantailan ikusten duena arrotza egiten zaio AEBetako biztanle arruntari, nahiz eta jakin badakien aurrean duen hori bere buruaren irudikapena dela. Allen, dena den, gizabanakoarekin interesatuta dago, betiere, gizarte jakin baten parte den heinean. Hots, haren filmak pertsonaia jakin batzuen bizitzetatik abiatzen dira gizarte oso baten iruditeria, AEBetako iruditeria alegia, aztertzeko. Iruditeria horrek ematen die bizitza partikular horiei zentzua, eta alderantziz. Arazoa zera da, iruditeria hori, irudikapen hutsa dena baina zerbait naturala, jatorrizkoa balitz bezala bizi dena, tripak zabalik azaltzen digutenean, hainbestekoa da une horrek eragiten duen antsietatea, ezen imaginarioari eutsi nahi dion horrek beste alde batera begiratu behar du. Allenen azken filma, Midnight in Paris (2011) interesgarria da zentzu horretan, antsietate mota askori buruz ari delako, iragana berreskuratu nahi eta ezinak pizten duena, esaterako. Filmean XX. mendeko lehen herenean Frantziako hiriburuan egoitza hartu zuten artista eta intelektualak azaltzen dira, Owen Wilsonek jokatzen duen pertsonaiak bizimodu onaren paradigmatzat jotzen dituena. Artista eta intelektual horiek Gertrude Steinek eta haren idazkari eta bikotekide Alice B. Toklasek 27 rue de Fleurusen zuten apartamentuan biltzeko ohitura zuten. Izan ere, idazle izateaz gain, mentore lanak egiten zituen Steinek. Allenen filmean, baina, artista horietako batek besteek baino presentzia handiagoa du: Ernest Hemingwayk (1899-1961). AEBetako idazlerik maskulinoena-ri halako izendapena irabaziarazi zion jarrera ezin hobeto azaltzen zaigu filmean. Une batean Juan Belmonte toreatzailearekin agertzen zaigu, zezenez eta potroez hitz egiten. Beste batean, Picassori amorantea lapurtu egin diola esaten zaigu. Alkohola, noski, uneoro presente dago. Allenek, baina, Hemingwayk irudikatzen duen gizontasunaren paradigma konplikatu egiten du, gutxitan aipatu ohi den xehetasuna agertuz: Steinek Kansas city-boy brutality (Kansaseko hiri-mutilaren indarkeria) gisa deskribatu zuen jarrera desagertu egiten da Hemingwayk 27 rue de Fleuruseko etxeko jabea aurrean duenean. Bere buruaz beste egin zuela 50 urte bete diren honetan, Hemingway zein haren lana hizpide duten hainbat lan eta ekoizpenek ikusi dute argia azken hilabeteotan. Datuak, berez, ez du ezer berezirik adierazten. Baina zera da deigarria: lan horietako gehienek Hemingwayk emakumeekin zuen harremana aztertzen dute, dela haren emazteen ikuspuntutik (Gioia Dilibertoren Paris Without End: The True Story of Hemingway's First Wife biografia dugu horren adibidetako bat) dela haren nobeletako emakumezko pertsonaiei erreparatuz. Ematen zuen feministek Hemingwayri eta haren lanari buruzko azken hitza esana zutela, baina, antza denez, oker geunden. Oraindik ere, idazle estatubatuarraren gizontasunak zer esan handia ematen du. Tamalez, azterketa horietako gehienek ez dute jadanik ez genekien ezer aipatzen. Hemingway gizona deseraikitzea dute helburu, baina ez diete beren buruei galdetzen zergatik den Hemingwayren gizontasuna hain gai errepikaria, zergatik haren jokabide matxistari buruzko zertzelada guztiak jakin arren behin eta berriro itzultzen garen gai berera. Midnight in Paris filmeko eszena laburrean, Hemingway eta Steinen arteko topaketa horretan, bada zerbait aipatu lanek azaltzen ez dutena: Steinekin denean, Hemingwayk bere gizonetan gizon rola alde batera uzten du. Idazlea hezur-haragizko gizon moduan irakurtzeari utzi, eta, horren ordez, hark irudikatzen duen diskurtsoari helduko bagenio, berehala ohartuko ginateke filmeko eszena horretan eten une bat gertatzen dela, zeinaren bidez agerian geratzen den diskurtso patriarkalaren antsietatea. Stein emakumea da, baina ez Hemingwayk sostengatzen duen diskurtsoak kontenplatzen duen emakume ereduaren modukoa. Lesbiana ez ezik (ez du gizon baten beharrik izan izateko), botere egoera batean dago: berak erabakitzen du zer den (literatura) ona, eta zer ez den. Steinen jarrera mehatxu bat da diskurtso patriarkalarentzat, haren zilegitasuna zalantzan jartzen duelako, eta hortik dator, hain zuzen, antsietatea. Hemingwayk jakin bazekien XX. mendeko lehen herena ez zela gizon izateko garairik onena. Gerrak eragindako hondamen psikologikoa, joera sexualei buruzko diskurtsoen ugaritzea... Hala ere, bere gizontasunari eutsi zion berak, gizonetan gizonena balitz bezala agertuz.
booktegi.eus JACK LONDON Adan baino lehen itzulpena: Josu Zabaleta “Horiek ditugu gure arbasoak, eta horien historia gure historia da. Gogoratu egun batean zuhaitzetatik jaitsi eta zutik ibiltzen hasi ginela bezain gauza segurua dela hori baino ere lehenago itsasotik kanpora arrastaka atera eta gure lehorreko lehenengo abentura hasi genuela”. I. KAPITULUA Irudiak! Irudiak! Eta irudiak! Askotan pentsatu izan dut, ikasi baino lehen, nondik ote zetozkidan nire ametsak gainezka betetzen zizkidaten irudi haiek guztiak; iratzarrita inoiz ez bainuen ikusi halakorik. Haurtzaroa torturatu zidaten; gauak amets gaiztozko prozesioak bihurtu zizkidaten; eta haiek konbentzitu ninduten, handik gutxira, nire kidekoak ez bezalakoa nintzela ni, naturaz kanpoko sorkari madarikatua. Egunez baizik ez nuen lortzen poz pixka bat. Gauak izumenezko erreinua esan nahi zuen; nolako izua, gainera! Esango nuke, ausaz, lur hau zapaltzen duten gizonetatik, ez duela batek ere inoiz sufritu nirearen gisako eta neurriko izurik. Aspaldiko izua baita nirea, Mundu Sortuberrian, Mundu Sortuberriaren sortuberritan alde guztietan zabalduta zegoen izua. Erdi Pleistozeno deitzen dugun garai hartan nagusi zen izu hura, labur esateko. Zer nahi dut esan horrekin? Ikusten dut azalpenak behar direla nire ametsen mamia kontatu baino lehen. Bestela ez zenukete askorik ulertuko nik hain ongi ezagutzen ditudan gauza hauen esanahia. Hauxe idazten ari naizenean ere fantasmagoria zabal batean jaikitzen zaizkit aurrean beste mundu hartako izaki eta gertaera guztiak, eta badakit loturarik eta zentzurik gabeak irudituko litzaizkizuekeela. Zer irudituko litzaizueke, bada, Belarri Makurren adiskidetasuna, Zaluren erakarmen beroa edo Begi Goriren lizunkeria eta atabismoa? Zentzugabekeria nabarmena, besterik ez. Eta zentzugabekeria nabarmena Suaren Gizonen eta Zuhaitzetako Gizonen ekintzak eta gure taldearen batzar ulertezinak ere. Ez baitituzue ezagutzen labarretako haitzulo hotzetako bakea edo ilunabarrean edalekuetan egiten ziren korroak. Ez duzue inoiz sentitu goizeko haizearen hozkada zuhaitz-buruetan, eta ez duzue gozatu azal berri gozoaren dasta ahoan. Historia honetara, ni bezala, nire haurtzarotik hasita sartzea izango duzue onena, nik uste. Mutikotan, gainerako mutikoak bezalakoxea nintzen, itzar-orduetan. Lotan nengoenean izaten nintzen bestelakoa. Gogoratzen naizenez gero behintzat, izualdi bat izaten zen nire loaldia. Gutxitan tindatzen ziren pozez nire ametsak. Normalean beldurrez eginak izaten ziren, hain beldur bitxi eta eroz non ez bainuen ezer alderatzekorik. Nire iratzar-bizitzako izuek ez zuten lotan nengoenean nagusitzen zitzaizkidanen inolako antzik. Nire esperientzia guztien bestelakoak ziren moduz eta izaeraz. Ni, esate baterako, hiriko mutikoa nintzen, kalekumea; mendia leku esploratu gabe bat zen niretzat. Hiriez, ordea, inoiz ez nuen ametsik egiten; sekula ez zitzaidan etxerik agertu ametsetan. Ezta gizakirik ere, ez zen azaldu nire ametsetan, loaren horma hautsirik. Zuhaitzak parkeetan eta liburu irudidunetan besterik ikusi gabea nintzena, oihan amaigabeetan hara-hona ibiltzen nintzen nire loaldian. Areago, ametsetako zuhaitz horiek ez ziren nire ikusmenaren orban lauso soilak zehatzak eta erreparagarriak baizik. Intimitatezko lotura bat nuen haiekin. Banan-banan ikusten nituen haien adar eta adaxka guzti-guztiak; haien hosto guzti-guztiak ikusten eta bereizten nituen. Oso gogoan dut haritza nire iratzar-bizitzan ikusi nuen lehenengo aldia. Haren hostoak, adarrak, adabegiak ikusi nituenean, intentsitate larri batez sentitu nuen ezin konta ahala bider ikusi nuela zuhaitz mota hura lehenago ametsetan. Ez nintzen harritu, hortaz, geroago, izeia, hagina, urkia, ereinotza eta gisako zuhaitzak lehen ikusian ezagutu nituenean. Lehendik ikusiak nituen eta gauero ikusten nituen, oraindik ere, lotan nengoenean. Honez gero ulertu izango duzuenez, ametsaren lehen legea hausten du horrek guztiak: alegia, lehendik esnaturik ikusia edo esnaturik ikusitakoen konbinaketak besterik ez direla ikusten ametsetan. Baina nire amets guztiek hausten zuten lege hori. Ametsetan inoiz ere ez nuen ikusten esnatuta ezagututako gauzarik. Nire lotako bizitza eta iratzarritako bizitza bi bizitza ziren, bereiziak, beren artean ni beste loturarik ez zutenak. Ni nintzen bi bizitza haiek nolabait bizi izan zituen lotura. Ume-umetatik ikasi nuen intxaurrak dendariarenetik zetozela, eta fruituak fruituzalearenetik; baina hori dena jakin baino lehen bilduak nituen nik intxaur haiek zuhaitzetatik ametsetan, edo zuhaizpean lurretik jaso eta janak, eta berdin zuhaixka eta sasietako fruitu-aleak ere. Nire esperientzia oroz haragokoa zen hori dena. Ez dut inoiz ahaztuko ahabiak mahaira aterata lehendabiziko aldiz ikusi nituenekoa. Ordu arte inoiz ikusi gabeak nituen, eta hala eta guztiz ere, haiek ikusita, istingadi-parajeetan zehar ase arte ibili ohi nintzeneko amets-gomutazioak etorri zitzaizkidan bat-batean gogora. Amak plater bete ahabia jarri zidan aurrean. Koilara bete nuen, baina ahora eraman baino lehen banekien zeren dasta izango zuten. Eta ez nuen huts egin. Ametsetan mila aldiz dastatutako dasta sarkor berbera zuten. Sugeak? Bazirenik entzun baino askoz lehenagotik izutzen ninduten lotan nengoenean. Basoko argiunetan zelatatzen ninduten; nire oinen azpitik erasoan jauzi egiten zidaten; belar iharretan edo harkaitz gorrien artetik herrestan ihes egiten zuten; edo zuhaitz-buruetaraino jarraitzen zidaten beren gorputz distiratsuez enborrak inguratuz, ni gora eta gora, geroz eta urrunago joanaraziz, adar zabukari eta hauskorretaraino, lurra distantzia zorabiagarri batera nueneraino. Sugeak!... beren mihizto bikoitzarekin, beren begi biribil eta ezkata distiratsuekin, beren ziztu eta txintxirrin-hotsarekin… Ez al nituen bada, ongitxo ere ezagutzen zirkuan suge enkantatzaileak nola zutiarazten zituen ikusi baino lehen? Aspaldiko lagunak nituen, edo gauak izuz betetzen zizkidaten etsai aspergaitzak, hobeto esanda. Oi oihan ilun amaigabe haiek, beren iluntasun izugarriarekin! Zenbat eternitatez ez ote naizen ibili haietan hara-hona, kreatura ehizatu izua, hotsik txikienak ere beldurtua, neure itzalak ere ikaratua, urduri, beti alerta eta erne, edozein unetan ere ziztu bizian ihes egiteko prest, bizirik iraungo banuen! Oihanetan bizi ziren izaki anker guztien harrapakina bainintzen, eta izumenezko estasi batean egiten nien ihes munstro ehiztari haiei. Bost urte nituela joan nintzen lehendabizikoz zirkora. Gaixorik etxeratu nintzen handik; baina ez kakahueteengatik eta limonadarengatik. Esango dizuet zergatik. Piztiak zeuden dendan sartu ginenean, orro latz batek urratu zuen airea. Aitaren eskutik askatu eta eroaren moduan jo nuen sarrerarantz. Jendearekin estropezu egin eta erori egiten nintzen; izuak oihuka nengoen denbora guztian. Aitak jaso eta lasaitu ninduen. Jende pila erakutsi zidan, orro haiengatik lasai, eta seguru geundela adieraziz animatzen ninduen. Hala eta guztiz ere, beldurrez eta ikaraz, eta aitak asko animatu ondoren, ondoratu nintzen azkenik lehoiaren kaiolara. Oi, bai agudo ezagutu ere. Piztia! Piztia izugarria hura! Eta nire barneko ikuspenean dizdizka hasi zitzaizkidan ametsen oroitzapenak: eguerdiko eguzkia belar altuen gainean distiraz, basazezena larrean lasai, larru horiztazko piztiaren jauzi bizkorrak eragindako belar zabaltze bizkorra, zezenaren bizkarrera jauzia, kolpea eta marrua, eta hezur hautsien karraska; beste batzuetan, edalekuko atseden freskoa, basazaldia uretan belaunetaraino sartuta astiro edaten, eta gero, larru horiztazko piztia –piztia horia beti–, jauzia, zaldiaren irrintzia eta zipriztinak eta hezur hautsien karraska; edo beste batzuetan, ilunabar goibela eta egunaren bukaerako isiltasun hitsa eta orduan eztarri beteko bat-bateko orroa, azken juizioko tronpeta bailitzan, eta haren ondoren garrasi eta berriketa eroak zuhaitzen artean eta ni ere, beldurrak ikaraz, zuhaitz artean garrasika eta oihuka ari zirenen artean. Kaiolako barroteen atzean ezintasun hartan ikusi nuenean, amorruak hartu ninduen. Hortzak estuturik erakutsi nizkion, jauzika egin nion dantza, irain itxuragabez egin nion garrasi, imintzio barregarriak eginez. Barroteen kontra jauzika eta ezintasunezko orroak eginez erantzun zidan. Ai, ezagutu egin ninduen hark ere, egin nizkion oihuak antzinakoak ziren eta ulertu egiten zituen. Gurasoak ikaratu egin ziren. “Haur hau gaixorik dago”, esaten zuen amak. “Histeriko hutsa da”, aitak. Ez nien inoiz esan eta ez zuten jakin. Ikasita nengoen nire bikoiztasunari buruz, arrazoiz deitu uste dudan nire nortasun erdibikoiztu honi buruz, isilik egoten. Suge-xarmatzailea ikusi nuen, eta han bukatu ziren gau hartako nire zirkoak. Urduri, jota, nire ametsetako bizitza hura nire benetako bizitzan sartu zitzaidalako gaixoturik eraman ninduten etxera. Isiltzen ikasi, esan dut. Behin bakarrik aipatu nuen inoren aurrean nire bitxitasuna. Mutiko bat zen, nire laguna; zortzi urte genituen. Nire ametsez baliatuz, inoiz bizi izan nintzela seguru uste nuen mundu galdu hartako eszenak berritu nizkion. Antzinako garai haietako izuak kontatu nizkion, Belarri Makur eta egiten genituen bihurrikeriak, gure bilera iskanbilatsuak, Suaren Gizonak eta haien gordelekuak. Barre egin zidan, irainka, eta fantasma-ipuinak eta gauez dabiltzan hildakoenak kontatu zizkidan. Irudimen eroagatik egin zidan barre, batez ere. Gauza gehiago kontatu nion, eta barre gehiago egin zidan. Zin egin nion, zintzotasun guztiaz, egia zela dena, eta modu bitxi batean hasi zitzaidan begiratzen. Istorio nahasi harrigarriak kontatu zizkien lagunei nik kontatutakoez, denak modu bitxian begiratzen hasi zitzaizkidan arte. Esperientzia garratza izan zen, baina ikasi nuen. Nire kidekoen desberdina nintzen. Berezia nintzen; haiek ulertu ezin zuten eta esateak gaizkiulertuak baizik ekarriko ez zituen zerbait neukan. Fantasmen eta iratxoen istorioak ateratzen zirenean, isilik egoten nintzen. Irribarre mingots bat egiten nuen neure baitarako. Nire izumenezko gauak gogoratzen nituen eta banekien benetakoak zirela, bizitza bera bezain benetakoak, eta ez ke zehazgabeak eta itzal lausoak. Mozorro beltzak eta ogro gaiztoak ez zitzaizkidan beldurgarriak iruditzen. Adar hostotsuen artetik erortzea, eta zoramenezko altuerak; lasterka ihesian edo jauzika nindoala erasotzen zidaten sugeak; ordekan oihaneraino atzetik jarraika etortzen zitzaizkidan zakur basatiak: horiek ziren nire izu zehatz eta benetakoak, gertakariak eta ez irudipen hutsak, haragi bizi, izerdi eta odolezkoak. Ogroak eta mozorro beltzak ohaide atseginak izango lirateke, nire haurtzaro osoan ohean nirekin etzaten ziren eta, oraintxe bertan ere, urtez beteta, hauxe idazten ari naizenean, nirekin oheratzen diren beste izumen haien aldean. II. KAPITULUA Esan dut gizaki bat ez nuela behin ere ikusi nire ametsetan. Berehalaxe ohartu nintzen horretaz, eta tristura ematen zidan nire kidekorik ez izateak. Haurra nintzelarik ere banuen sentipena nire ametsetako izumenean gizaki bat bakarra aurkitu izan banu, bat bakarra, salbu nintzatekeela amets haietatik eta ez nintzatekeela ibiliko gehiago izugarrikeria obsesionagarri haiek inguraturik. Urte askotan obsesionatu ninduen gauero pentsakizun horrek: aurki ahal baneza gizaki bakar hura, eta salbatu! Berriro diot ametsetan izaten nuela pentsakizun hori, eta horretantxe ikusten dut, hain zuzen, nire nortasun bien bateragune baten froga, nire bi parte banakatuek elkar ukitzen duten puntu bat badelako froga. Ametsetako nire nortasuna aspaldiko garaietan bizi izan zen, gizakia, gaur ezagutzen dugun bezala behintzat, hasi baino lehen; eta nire beste nortasuna, eguneroko bizitzakoa, nire ametsen mamian txertatzen zen, giza bizitzaz jakin daitekeen neurrian. Psikologo ikasiei okerra irudituko zaie, beharbada, “nortasun bikoiztua” esapidea erabiltzen dudan bezala erabiltzea. Badakit zer zentzutan erabiltzen duten, baina nire gisara erabiltzera beharturik nago, adierazteko modu hoberik ezean. Errua hizkuntzaren zehazgabetasunari egotziz zurituko dut nire burua. Gatozen orain hitz horiek, zuzen ala oker, zertarako erabiltzen ditudan azaltzera. Artean gazte nintzela unibertsitatera joan nintzenean lortu nuen jakitea zein zen nire ametsen benetako giltzarria eta zerk eragiten zizkidan amets haiek. Ordu arte ez zuten esanahirik, ez izateko arrazoirik ere, itxuraz. Baina unibertsitatean eboluzioa eta psikologia ezagutu nituen eta ohiz kanpoko zenbait adimen-egoeraren eta esperientziaren esplikazioa ikasi nuen. Airetan behera erortzearen ametsa, esate baterako, ametsetako esperientziarik ohikoena, ia gizaki guztiok ezagutzen dugu, geuk izanda. Arrazaren oroitzapena zela esan zidan irakasleak. Zuhaitzetan bizi ziren gure antzinako asabengandik omen datorkigu. Zuhaitzetan bizi zirenez, beti zuten erortzeko arriskua. Askok galdu zuten bizia era horretan; denek jasan izango zituzten sekulako erorikoak, eta erortzean adarrei helduz salbatu. Horrela bizirik irtendako eroriko ikaragarri horiek nahitaez eragingo zuten kolperen bat. Eta kolpeak aldaketa molekularrak eragingo zituen garuneko zeluletan. Molekulen aldaketa horiek seme-alaben garuneko zeluletara igaroko ziren, eta azkenean arrazaren oroitzapen bilakatu. Hala, zu eta ni, lotan edo erdilotan, airean zehar erori eta lurra jotzear gauden une-unean ondoezik esnatzen garenean, gure zuhaitzetako asabei gertatu eta garun-aldaketek arrazaren herentzian grabaturik utzi zutena gogoratu baizik ez dugu egiten. Horrek ez du ezer harritzekorik, instintuak ezer harritzekorik ez duen bezala. Gure herentziaren materialean grabatutako ohitura besterik ez da instintua. Gogoratu beharra dago, bidenabar, zuretzat, niretzat eta denontzat hain arrunta den erorikoaren amets horretan ez dugula lurra behin ere jotzen. Lurra jotzeak hiltzea esan nahi zuen. Erorita lurra jo zuten gure zuhaitzetako asabak bertan hilko ziren. Erorikoaren kolpea komunikatuko zen garuneko zeluletara, jakina; baina segituan hilko ziren, ondorengorik utzi gabe. Gu, berriz, lurra jo ez zutenen ondorengoak gara; horregatik ez dugu zuk eta nik lurra jotzen gure ametsetan. Eta gatozen nortasunaren bikoiztasunera. Esnaturik gaudenean, ez dugu inoiz erortzearen sentsazio hori izaten. Itzartuta gauden aldiko nortasunak ez du horren esperientziarik. Horrela bada –eta argudioak hemen ez du ahulgunerik– izan behar du inondik ere bestelako nortasun bat, lotan gaudenean erortzen dena eta inoiz halako erorikoaren esperientzia izan duena, labur esateko, antzinako garaietako esperientziak gogoan dituena, gure iratzarraldiko nortasunak gure iratzarraldiko esperientzien oroitzapena duen bezalaxe. Nire arrazoibidearen puntu horretara iritsi nintzenean hasi nintzen gauzak argi ikusten. Eta berehalaxe argitasun liluragarri batez argitu eta azaldu zitzaidan, ordura arte nire ametsetan ezagungaitz, esplikaezin, naturaz kontrako eta ezinezkoa izandakoa. Lotan nengoenean nire baitan ez zuen agintzen nire iratzarraldiko nortasunak: bestelako nortasun bat zen, esperientzia-ondare guztiz desberdin eta berri zuena, eta amets egiten nuenean, guztiz esperientzia desberdin haien oroitzapena zuena. Zer zen nortasun hori? Noiz bizi izan zuen horrek benetan iratzarraldiko bizitza planeta honetan, esperientzia bitxi haiek guztiak biltzeko? Nire ametsek berek erantzun zieten galdera horiei. Antzina-antzinako garaietan bizi izan zen, mundua artean gaztea zenean, Erdi Pleistozeno deitzen dugun garaian. Zuhaitzetatik erori zen, baina ez zuen lurra jo. Beldurrez murduskatzen zuen, lehoiaren orroa entzunda. Piztia harrapariek pertsegitzen zuten eta suge hilgarriek izutzen. Erasia batean aritzen zen bileretan bere kideekin, eta tratu gogorra jasaten zuen Suaren Gizonen eskuartean, haiengandik ihesi zebilen egunetan. Baina entzuten dizuet kontrako argudioa: “Nola ez ditugu guk ere arrazaren oroitzapen horiek, geuk ere lotan gaudenean airean erortzen ari den beste nortasun hori badugunez, lausoki bada ere?” Beste galdera batez erantzungo dizuet: “Nola litezke bi buruko bigantxak?”. Neuk erantzungo dizuet: munstroak direlako. Eta horixe bera zuen galderari ere. Ni ere munstroa naizelako dut beste nortasun hori eta arrazaren memoria oso hori. Ea gehiago zehazten dudan. Izaten dugun arrazaren memoriarik ohikoena airean beherako erorikoaren ametsa da. Beste nortasun hori oso lausoa da. Erorikoarena du ia oroitzapen bakarra. Baina gutako askok oso argia eta zehatza dugu beste nortasun hori. Askok dugu hegan egitearen ametsa, munstroek pertsegitzen gaituztelako ametsa, kolorezko ametsak, arnasa estutzen zaigulako ametsa, sugeen eta piztien ametsak. Labur esateko, beste nortasun hori gu guztiongan aztarna bat baizik ez da, batzuengan ia ahaztua; baina beste batzuengan erneagoa da. Batzuek arrazaren oroitzapen biziagoa eta osoagoa dugu beste batzuek baino. Beste nortasun hori zenbateraino edukitzen den da kontua. Nik sekulako maila handian daukat. Nire beste nortasun hori ia neure nortasuna bezain ahaltsua dut. Horretan munstro bat naiz, herentziaren munstro bat. Konbentzituta nago beste nortasun hori izateak –baina ez nirea bezain indartsu– eragin diela beste batzuei birjaiotze pertsonalean sinestea. Horientzat sinesgarria da hori, konbentzitzen dituen hipotesi bat da. Beren begiez inoiz ikusi ez dituzten eszenen ikuspenak edo antzinako gertakari eta jazoeren oroitzapenak dituztenean, lehenago noizbait bizi izan direla uste izatea da esplikaziorik errazena. Baina oker egiten dute beren nortasun bikoitza kontuan ez hartuz. Ez dute aitortzen beren beste nortasuna. Beren nortasuna dela uste dute, nortasun bat besterik ez dutela; eta abiapuntu horretatik abiatuz gero, lehen beste bizitza batzuk izan dituztela atera behar dute ondoriotzat. Baina oker daude. Ez da birjaiotzea. Nik baditut ametsak neure burua Mundu Sortuberri hartako oihanetan zehar ikusten dudanak; baina ez dut neure burua ikusten benetan, nire partetxo bat baizik ez den beste bat baino, aita eta aitona bezalaxe, hauek hura bezain urrunak ez baditut ere. Nire baitako beste ni hura asaba bat da, nire jatorriko enbor zuzenean nire arbasoen arbaso, bera ere bere garaia baino askoz lehenago behatzak sortu eta zuhaitzetara igo zen beste leinu baten oinordekoa den bezala. Eta berriro errepikatu behar dut, aspergarri bihurtuko banaiz ere, horretan munstrotzat hartzekoa naizela ni. Arrazaren memoria aparteko maila batean edukitzeaz gainera, urruti-urrutiko arbaso jakin batena baitut, gainera. Horregatik, hori oso ezohikoa bada ere, ez duzue bereziki zertan harriturik. Jarraitu nire arrazoibideari. Instintua arrazaren memoria da. Ederki. Beraz, zuk edo nik edo guk guztiok jasotzen dugu gurasoengandik oroitzapen hori, haiek beraienengandik jaso zuten bezalaxe. Izan behar du, beraz, bitartekoren bat oroitzapen horiek belaunaldiz belaunaldi igaro daitezen. Weismann-ek “germoplasma” deitzen duena da bitarteko hori. Arrazaren bilakaera osoaren oroitzapenak gordetzen ditu. Oroitzapen horiek lausoak eta nahasiak izan ohi dira, eta galdu egin dira asko. Baina germoplasma mota batzuek gehiegizko oroitzapen-karga izan ohi dute; zientzia-hitzetan mintzatzeko, atabikoagoak dira besteak baino; eta horietakoa da nirea. Ni herentziaren munstro bat naiz, amesgaizto atabiko bat, nahi duzuen bezala deitu; baina hemen nauzue, benetakoa eta bizirik, egunean hiru otordu oparo janez; zer egingo diogu, bada? Eta orain, nire kondairari ekin baino lehen, aurre hartu behar diet psikologian, irain egiteko beti prest, diren Santo Tomas zalantzati guztiei, seguru bainago esango dutela eboluzioaz dudan jakintza nire ametsetan proiektatzen dudalako dutela amets horiek koherentzia hori. Lehenik eta behin, ni ez naiz sekula ikasle ona izan. Eskolan azkenekoa nintzen. Ikasi baino nahiago izaten nuen atletismoa, eta, zergatik ez esan, baita billar-jokoak ere. Eboluzioaren berri unibertsitatera joan arte ez nuen izan, gainera; beste aspaldiko bizitza haren xehetasun guztiak, berriz, haurtzaroko eta gaztaroko ametsetan ere ikusiak nituen. Esan beharra dut, nolanahi ere, xehetasun horiek nahasian eta koherentziarik gabe neuzkala, eboluzioaren zientzia ezagutu nuen arte. Eboluzioa zen giltza. Hark azaldu zidan zergatia; hark eman zien zentzua, modernoa eta oraingoa izanda ere, gizadiaren hasiera-hasierako garaietako oihartzunak entzuten zituen nire garun atabiko honen bitxikeriei. Zeren eta ezagutzen dudan antzinako garai hartan ez baitzen gizonik, gaur ikusten dugun bezala behintzat. Gizakiaren hasierako garai horretan sortu eta bizi izana naiz, inondik ere. III. KAPITULUA Nire lehen haurtzaroko ametsetan arruntena honelako zerbait izaten zen: oso txikia nintzela eta adaska eta hostozko habia gisako batean kuzkurtuta nengoela iruditzen zitzaidan. Batzuetan ahozgora egoten nintzen etzanda. Ordu luzeak egiten nituen, nonbait, horrela eguzkiaren argiak hostoetan egiten zituen jokoei begira eta haizeak hostoak nola astintzen zituen ikusten. Askotan, haizeak gogor jotzen zuenean, habia bera ibiltzen zen hara eta hona. Baina habian horrela etzanda nengoenean, azpiko espazio ikaragarri hark izututa egoten nintzen. Ez nuen inoiz ikusten, inoiz ez nintzen habia ertzeraino ateratzen begiratzera; baina banekien eta beldurra nion azpian zelatan eta munstro gose baten ahoa bailitzan beti mehatxuz neukan espazio hari. Haurtzaroan askotan izan nuen ni geldirik egoten nintzen amets hori; ekintza bat baino egoera bat izaten zen areago. Bat-batean, ordea, oldeka sartzen zitzaizkidan amets horren erdian forma bitxiak, gertaera lazgarriak, trumoia eta ekaitzaren eztanda, edota iratzarririk nengoenean inoiz ikusi ez bezalako parajeak. Nahasmendua eta amesgaiztoa izaten zen ondorioa. Ez nuen ezer ulertzen. Ez zuen lotura logikorik. Ikusten duzue, ez nuen segida baten arabera amets egiten. Mundu Sortuberriko ume gorri bat nintzen une batean, zuhaitzeko habian etzanik; hurrengoan Mundu Sortuberriko gizon heldua, Begi Gori izugarriarekin borroka estuan loturik; hurrengoan eguerdiko bero galdatan kontu handiz nindoan herrestan edalekurantz. Minutu edo segundo gutxitan pilatzen zitzaizkidan nire baitan bat gertatzetik bestea gertatzera urteak joandako Mundu Sortuberriko gertaerak. Nahaste-borraste bat zen, baina ez dizuet nahaste-borraste hura pairaraziko. Gizon gaztea egin eta milaka bider amets egin ondoren hasi ziren gauzak ordenatzen, argi eta garbi agertzen. Orduan aurkitu nuen denboraren giltza eta orduan hasi nintzen gertaerak eta ekintzak zegokien ordenan kokatzen. Horrela berreraiki ahal izan nuen Mundu Sortuberri desagertu hura hartan bizi nintzen bezala, edo nire beste ni hori hartan bizi zen bezala. Bereizkuntzak ez dio axola; zeren nik ere, gizaki moderno honek, atzera jo eta, nire beste nia lagun, bizi izan baitut bizitza primitibo hura. Errazago gerta dakizuen, hau soziologiako txosten bat ez denez, istorio ulergarri batean antolatuko dizkizuet gertaerak. Zeren eta bada halako jarraitasun-hari bat amets horiek guztiak kateatzen dituena. Horra, esate baterako, Belarri Makurrekin nuen adiskidetasuna. Edo Begi Gorirekiko aiherkundea, Zaluren maitasuna. Horiek guztiak batuz, konbentzituta nago osa daitekeela ados egongo zareten historia bat. Amaz ez naiz askorik gogoratzen. Hartaz dudan lehen oroitzapena agian, eta biziena dudarik gabe, hau dut beharbada: badirudi lurrean etzanda nengoela. Habiako egunetan baino hazixeagoa nintzen; baina lagundu beharrekoa artean. Orbeletan itzulipurdika ari nintzen, hostoekin jolasean, eztarriaz intziriak eta urrumak eginez. Eguzkiak berotu egiten zuen, eta pozik eta gustura nenbilen. Basoko soilgunetxo batean nengoen. Inguruan sastrakak eta garoaren antzeko landareak zeuden alde guztietan, eta gainetik eta inguru guztian basoko zuhaitzen gerriak eta adarrak. Horretan, non entzuten dudan hots bat. Zutitu eta entzuten geratu nintzen. Mugitu gabe. Marmartxoak eztarrian ito zitzaizkidan, eta eserita geratu nintzen, harri eginda. Hotsa hurbiltzen ari zen. Zerriaren kurrinka zirudien. Gorputz batek sasi artean mugitzean egiten zuen zarata entzuten hasi nintzen. Ondoren gorputz hark eraginik garoa mugitzen ikusi nuen. Garoa zabaldu zen eta begi distiratsu batzuk, mutur luze bat eta letagin zuriak ikusi nituen. Basurdea zen. Jakinguraz begiratzen zidan. Kurrinka pare bat hiru bat egin eta hanka batetik bestera aldatu zuen gorputzaren pisua, aldi berean burua alde batetik bestera mugituz eta garoa astinduz. Nik harri eginik bezala jarraitzen nuen, begiak kliskatu ere gabe, eta bihotza izuak jaten zidala. Bazirudien gelditasun eta isiltasun horixe espero zela niregandik. Izua nuenean ez nuen garrasirik egin behar. Hori agintzen zidan senak. Horregatik jarraitzen nuen geldi, ez nekien zeren zain. Basurdeak garoa zabaldu zuen eta garbiunera aurreratu zen. Jakin-mina azaldu zen haren begietan; distira anker bat zuten. Mehatxuz astindu zuen burua nire aldera, eta pauso bat egin zuen. Eta gero beste bat, eta beste bat… Orduan garrasika edo txilioka egin nuen; ezin dut deskribatu, baina garrasi izugarri, zoli bat izan zen. Eta badirudi horixe zela, gauzak zeuden bezala egonda, niregandik espero izatekoa zena. Urruti ez zegoen leku batetik garrasi bat entzun zen, erantzunez. Nire txilioek durduzaz utzi bide zuten une batez basurdea, eta gelditu eta zalantzaz pisua hanka batetik bestera aldatzen zuen bitartean, agerkunde bat azaldu zen gure gainetik. Amak orangutan handi bat zirudien, edo txinpantze bat, baina haien oso desberdina zen, bistakoak zituen zenbait ezaugarritan. Gorpuzkera sendoagoa zuen haiek baino, eta ile gutxiagokoa. Besoak ez zituen haiek bezain luzeak, eta hankak haiek baino gihartsuagoak. Ez zuen jantzirik; berezko ilea besterik ez. Eta zinez esaten dizuet, amorrua bera zirudien haserretzen zenean. Eta amorru bizian azaldu zen eszena hartara. Hortz-karraska egiten zuen, izugarrizko imintzioak eginez, txilioka, “ja, ja” edo horrelako zerbait ziruditen garrasi urragarriak eginez. Hain bat-batekoa eta beldurgarria izan zen haren agertzea, non nahigabe ere defentsarako makurtu baitzen basurdea, ile guztia lazturik, nire ama gainera oldartu zitzaionean. Gero amak niregana jo zuen. Ia arnasa hartu ezinda utzi zuen basurdea. Banekien zer egin behar nuen irabazi zuen unetxo hartan. Jauzi egin eta gerritik heldu nion, eskuz eta hankaz; hankaz, bai; hankez ere eskuez bezain ongi heldu nezakeen. Nire atzapar tinkoaren azpian amaren ilearen tirakadak sentitu nituen, ahaleginean ilearen azpian giharrak eta larrua mugitzen ziren bitartean. Esan bezala, amarengana jauzi egin nuen, eta hark segidan airera jauzi egin zuen, eta gaineko adar bati heldu zion eskuez. Hurrengo unean basurdea gure azpitik igaro zen, haginak karraska zituela. Ustekabetik oneratu, eta tronpeta-hots bat zirudien kurrixka bat eginez jo zuen aurrera. Dei bat zen inondik ere, ondoren gorputz pila batek garo eta sasi artean egiten zuen zalaparta entzun baitzen alde guztietatik. Alde guztietatik oldartu ziren basurdeak soilgunera; hogeikoren bat. Baina ama adar sendo baten puntan zabuka zegoen ordurako, lurretik dozena bat oinera, ni hari heldurik eta biak salbu pausatuta. Asaldatuta zegoen oso, ele-mele batean eta oihuka, azpian hortzak karraska pilatu zitzaigun saldo zurdatsuari errietaka. Neu ere begira nengokien, ikara batean, piztia haserretuei, amaren garrasiak ahal nuen bezala antzeztuz. Antzeko oihuak iritsi zitzaizkigun urrutitiko lekuren batetik, beheragoko doinu batean, baxu baten orroak bailiran. Une batetik bestera ozenago bihurtu ziren, eta berehalaxe entzun nuen nire aita hurbiltzen; garai hartako frogak ikusita behintzat, aita zela atera dut ondorioa. Aita ez zen oso-oso aita atsegina, aitak izan ohi diren bezala. Erdi gizon erdi tximinoa zirudien; baina ez osorik gizon, ez tximino ere. Ez dakit nola deskribatu. Ez dakit nola esan, gaur egun ez baitago haren gisakorik ez lurrean ez lur azpian, ez gainean. Gizon garaia zen garai hartarako, eta ehun eta hogeita hamar libra izango zen. Aurpegi zabal-zapala, bekainak begi gainean irtenak. Begiak txikiak, sakon sartuak eta elkarrengandik oso hurbil. Sudurrik ia ez zuen. Zapal-zabala zuen, itxuraz zubirik gabea; sudur-zuloak aurpegian bi zulo balitu bezala, beherantz ordez kanporantz zabalduak. Kopeta begietatik bertatik makurtzen zitzaion atzera, eta ilea begietan bertan hasten zitzaion, buru osoa estaltiz. Burua bera oso-oso txikia zuen, sekulako lepo lodi eta motz baten gainean jarria. Gorputza, gu guztiona bezala, oinarrizko ekonomia batez osatua zuen. Bularra handia, leize baten tamainakoa, egia da; baina giharrak ez zituen ongi moldatuak, bizkarrak ere ez zabalak, ez zuen gorputz-atalen lerdentasunik, eta isla ere ez zuen simetrikoa. Indarraren irudi betea zirudien nire aitaren gorputz hark, gogorra, indartsua baina edertasunik gabea, heltzeko, urratzeko, xehatzeko eta suntsitzeko egina. Mehakak estuak zituen, eta hankak meheak eta iletsuak, kakotuak eta zaintsuak. Izatez, beso-itxura gehiago zuten, beste ezerena baino. Bihurriak eta korapilatsuak ziren; ez zuten zure eta nire hankak eder egiten dituzten zango haragitsu eta bete hauen antz handirik. Gogoan dut ez zela gauza oinen gainean ibiltzeko. Oinak oratzaileak zituelako zen hori, oinak baino areago eskuak ziruditenak. Behatz lodia besteekin parean egon ordez, aurka zeukan, eskuko behatzetan bezala, eta behatzaren kokaera horri esker gai zen hankaz gauzei heltzeko. Eta horregatik ez zen gauza oinen gainean ibiltzeko. Itxura hori, hala ere, ez zen basurde haserretuen gainean pausatuta geunden lekura hurbildu zitzaiguneko ibilera baino harrigarriagoa. Zuhaitzik zuhaitz etorri zen, adarretik adarrera eta zuhaitzetik zuhaitzera jauzi eginez; bizkor etorri, gainera. Ikusten ari naiz oraindik ere, iratzarririk idazten ari naizela, zuhaitzik zuhaitz jauzika, lau eskuko izaki iletsua, amorruz oihuka, han eta hemen gelditu eta ukabil itxiaz bularra joz, hamar-hamabost oineko jauziak eginez, esku batez adar bati heldu eta beste jauzi baten ondoren beste eskuaz beste adar bati heltzeko eta hala segidan, zalantzarik gabe, bere zuhaitzez zuhaitzeko bide hartan nola edo zer egin ez zekiela behin ere gelditu gabe. Eta begira nengoela, adarrik adar jauzika abiatzeko irrika pizten eta handitzen sentitzen nuen nire baitan eta nire giharretan; eta nire baitan eta nire giharretan horretarako gaitasunaren bermea sentitzen nuen, orobat. Zergatik ez, bada? Mutikoek aita aizkora jaso eta zuhaitzak botatzen ikusten dute, eta egunen batean beraiek ere aizkora jaso eta zuhaitzak botako dituztela sentitzen dute beren baitan. Halaxe nik ere. Nire baitako bizitza aitak egiten zuena egiteko prestatuta zegoen, eta aireko bidaiak eta oihaneko hegaldiak xuxurlatzen zizkidan ezkutuan eta irrikaz. Azkenean aita ondora etorri zitzaigun. Haserre zegoen erabat. Gogoan dut nola ateratzen zuen aurreraka beheko ezpaina, basurdeei begiratuz. Zakurrarenak bezalako hotsak egiten zituen, eta gogoan dut letagin luzeak zituela, eta sekulako zirrara eragin zidatela. Haren jarrerak basurdeak areago haserretzeko baizik ez zuen balio izan. Abarrak eta adaxkak hautsi eta etsaiei jaurtikitzen zizkien. Esku batetik ere zintzilikatu zen, harrapatu ezin zuten lekutik probokatuz, haiek ezintasunezko amorruz hortz-karraska ziharduten bitartean. Hori ez baitzuen aski, adar sendo bat hautsi, eta hanka eta esku banaz atxikirik, saihetsetan ziztatzen zituen piztia amorratuak eta muturrean ematen zien. Esan beharrik ez dago nola gozatzen genuen amak eta biok jolas harekin. Baina gauza onez ere aspertu egiten da bat, eta aitak, azkenean, barretxo maltzur bat eginik, zuhaitzetan barrena bideari jarraitu zion. Orduan kemenak alde egin zidan, eta berriro herabetu nintzen, eta gogotik heltzen nion amari, gora joanez airean zabuka zebilen bitartean. Gogoan dut haren pisuaz adarra nola hautsi zen. Sekulako jauzi bat egin zuen, eta egurraren kraskadarekin ikaratuta geratu nintzen biok airean behera erortzen ari ginelako sentsazio izugarriaz. Oihana eta eguzkiak hosto marmartietan egiten zuen distira ezabatu egin zitzaizdan begietatik. Aita kolpetik gelditu eta begiratu egiten zigula lausoki ikusten nuela iruditu zitzaidan, eta gero dena ilundu zen. Hurrengo unean esnatuta nengoen, oheko maindireen artean, izerditan, ikaraz, goragalez. Leihoa zabalik zegoen, eta haize freskoa sartzen zen gelan. Gaueko argia lasai-lasai zegoen piztuta. Hortik ateratzen dut basurdeek ez gintuztela harrapatu, eta lurra ere ez genuela jo, bestela ez bainintzateke hemen egongo, mila mende geroago, gertaera haiek gogoratzen. Eta jar zaitezte orain une batez nire lekuan. Ibil zaitezte une batez nirekin batera nire haurtzaroan, oheratu nirekin eta imajinatu horrelako amets ulertezinak egiten dituzuela. Ez ahaztu esperientziarik gabeko haurra nintzela. Basurde bat nire bizitzan sekula ikusi gabea nintzela. Ikusi, etxeko zerririk ere ez nuen inoiz ikusi. Nik ikusitako zerriaren hurbilenekoa, gosaritako hirugiharra izango zen, bere koipetan txigortzen. Hala ere, ordea, horra non bizitza bera bezain egiazkoak agertzen zitzaizkidan ametsetan basurdeak, eta ni, nire fantasiazko gurasoekin, zuhaitzen gainaldeetan zabuka. Harritzekoa iruditzen al zaizue nire gau amets gaiztoz bete haiek izutzea eta estutzea? Madarikatuta nengoen. Okerrago, beldur nintzen esateko. Ez dakit zergatik; erru-sentipen bat nuela bakarrik, horixe dakit, nahiz eta ez jakin zeren errudun nintzen. Eta halaxe joan ziren urteak, isilean sufrituaz, harik eta gizondu eta nire ametsen zergatia eta nolakoa ikasi nuen arte. IV. KAPITULUA Nire historiaurreko oroitzapen hauetan bada nahasten nauen gauza bat: denboraren lausotasuna. Ez dut beti-beti jakiten gertaeren ordena; ezin izaten dut zehaztu gertaera batzuen artean urtebete, bi, lau ala bost joan diren. Nire kidekoen itxuraren aldaketari erreparatuz baizik ezin izaten dut begiz jo zenbat denbora igaro den. Gertaeren logikaz ere balia naiteke gertaerak zehazteko. Dudarik ez dago, esate baterako, ama eta biok zuhaitzetara igotzera behartu gintuztela basurdeek eta Belarri Makur, nire haurtzaroko adiskide mina dei nezakeena, ezagutu baino lehen ihes egin genuela eta erori ginela. Eta horixe bezain segurua da, orobat, bi garai horien artean alde egin nuela amarengandik. Aitarenik, esan dizuedana beste oroitzapenik ez dut. Hurrengo urteetan ez zen berriro azaldu. Garai hartaz dudan ezagutzagatik, basurdeekin izan genuen abentura hura baino pixka bat geroxeago hil zela beste esplikaziorik ez dago. Eta garaiz aurretik izan zuela akabera, ez dago dudarik. Sasoi-sasoian zegoen artean, eta bat-bateko istripuzko heriotza batek baizik ezin zezakeen eraman. Ez dakit, ordea, nola izan zen; ibaian ito zen edo sugeren batek irentsi, ala Ezpata Hagin tigre zaharraren urdailean desagertu zen, ez dakit. Zeren jakin behar duzue historiaurreko egun haietan neure begiez ikusia baizik ez dudala gogoratzen. Amak aitaren akaberaren berri jakin bazuen, ez zidan ezer esan. Baditut zalantzak, gainera, horrelako informazioa adierazteko hitzik ba ote zuen. Gure taldeak hogeita hamar edo berrogeiren bat hots izango zituen beharbada garai hartan, denak barne hartuta. Hotsak esatea hobeto iruditzen zait hitzak baino; hotsak baitziren, batez ere. Ez zuten balio finkorik, izenlagunez eta adizlagunez aldatzeko. Halakoak asmatu gabeko hizkuntza-tresnak ziren oraindik. Izen-aditzak izenlagunez eta adizlagunez kalifikatu ordez, doinuaz kalifikatzen genituen hotsak, iraupena edo tonua aldatuz, luzatuz edo bizkortuz. Hots jakin bat ahoskatzen ematen zen denborak mailakatzen zuen haren esanahia. Konjugaziorik ez genuen. Testuinguruaren arabera erabakitzen zen denbora. Gauza zehatzak baizik ez genituen esaten, gauza zehatzak baizik ez baikenituen pentsatzen ere. Pantomimaz ere asko baliatzen ginen. Abstrakziorik soilena ere gure gogamenetik kanpo zegoen; eta norbaitek inoiz halako gogoetarik bazuen, nekeak izaten zituen bere kideei adierazteko. Ez zegoen horretarako hotsik. Hiztegiaren mugetatik kanpo zegoen. Horretarako hotsen bat asmatzen bazuen, kideek ez zizkioten ulertzen. Orduan pantomimara jo behar berriro, gogoeta hura ahal zuen moduan adieraziz eta aldi berean hots berria behin eta berriro errepikatuz. Horrela landu zen hizkuntza. Eskura genituen hots bakanek, haiek baino zertxobait aurreraxeago pentsatzen laguntzen ziguten; orduan hots berrien premia azaltzen zen, pentsakizun berria adierazteko. Batzuetan, hala ere, gure hotsen helmena baino askoz ere harago bultzatzen genuen gogamena, eta besteei inola ere adierazi ezin genizkien abstrakzioak lortzen genituen –oso ilunak, aitortu beharra dut–. Hizkuntza, izan ere, ez baitzen bizkor aberasten ari garai haietan. Sinesten ahal didazue, ikaragarri inozoak ginen. Baina bagenekien gaur egun ezagutzen ez den gauza pilatxo bat ere. Bagenekien belarriak mugitzen, tentetzen eta beheratzen, nahi bezala. Bagenekien bizkarraren erdian hazka egiten, erraz gainera. Baita hankaz harrika egiten ere. Frankotan egina naiz neu. Eta gehiago: belaunak zuzen nituela oker nintekeen eta gerritik makurtuz lurra ukitu, ez behatz-puntez, ukalondoko hezurrez baizik. Eta txori-habiak harrapatzen… nahiko nuke hogeigarren mendeko mutiko batek ikusiko bagintu. Baina ez genituen arrautza-bildumak egiten. Jan egiten genituen. Gogoan dut oraindik… baina urruntzen ari naiz kontatu nahi nuenetik. Belarri Makurrez eta bion adiskidetasunaz hitz egingo dizuet lehendabizi. Bizitzan oso goiz bereizi nintzen amarengandik. Aita hil ondoren beste senar bat hartu zuelako beharbada. Oroitzapen gutxi dut aitaz, eta ez on-onak gainera. Tipo arina zen. Funtsik gabea. Apetatsu hutsa. Haren hizjarioak oraindik ere aspertu egiten nau, gogoratu hutsarekin. Gogoan ere fundamentu gutxi zuen, asmo zehatzik izateko. Kaiolako tximinoek hura gogorarazten didate beti. Tximino-tankerakoa zen. Horra aurkitzen diodan deskribapenik onena. Hasieratik bertatik hartu zidan gorrotoa. Eta berehalaxe ikasi nuen haren broma madarikatuen beldur izaten. Azaldu bezain laster amaren kontra estutzen nintzen eta hari heltzen nion. Baina hazten ari nintzen, eta askotan apartatu behar izaten nuen nahitaez amarengandik, eta geroz eta gehiago urrundu. Aukera horien zain egoten zen Kalakari. (Esan beharra daukat garai haietan izenik ez genuela; ez genion izenez deitzen elkarri. Ondo egokitzen zitzaidalako jarri dizkiet izenak harremanik gehiena izaten nuenei, eta “Kalakari” da nire aitaordeko zoragarri hura deskribatzeko aurkitu dudan modurik zehatzena. Neuretzat, berriz, “Hortz-Handi” izena hartu dut. Letaginak luze-luzeak nituen). Baina gatozen berriro Kalakarirengana. Ikara sartu nahian aritzen zitzaidan beti. Denbora guztian zirikatzen, joka; eta aukera zuenean hozka ere egiten zidan. Ama askotan sartzen zen bitartean, eta ikustekoa izaten zen nola heltzen zion ileetatik. Horren ondorioa, liskar xelebre amaigabe bat izaten zen, eta ni liskarbidea. Ez, nire etxeko bizitza ez zen zoriontsua. Irribarrea ateratzen zait hori idazten dudanean. Etxeko bizitza! Etxea! Nik ez nuen etxerik, hitz horren zentzu modernoan. Nire etxea elkartasun bat zen, ez bizigune bat. Amaren ardurapean bizi nintzen, ez etxe batean. Ama edozein tokitan bizi zen; gaua zetorrenean lurretik urruti egonda, nahikoa. Ama ohitura zaharren zalea zen oso. Bere zuhaitzetara lotua zen oraindik. Gure taldeko lagun aurreratuenak ibai gaineko haitzuloetan bizi ziren ordurako. Ama, ordea, susmotia eta atzerakoia zen. Harentzat zuhaitzak aski ziren. Bagenuen, jakina, zuhaitz bat aukeratua, eta hartara biltzen ginen gehienetan, baina sarri geratzen ginen lotara beste zuhaitz batzuetan, gauak harrapatzen bagintuen. Bagenuen adarrez, adaxkaz eta aihenaz egindako oholtza moduko bat bi adarren banaleku batean. Txori handiren baten habia erraldoi bat zirudien, baina txori-habiak baino landugabeagoa askoz ere. Baina bazuen habiatan inoiz ikusi ez dudan ezaugarri bat: estalkia. Ez zen gizaki modernoak egiten dituen teilatuak bezalakoa, jakina. Ezta gaurko basatirik apalenek egiten dituztenen antzekoa ere. Gizonaren edozein lan baino oiesagoa zen mila bider. Pilatu alde pilatuta, nahas-mahas. Egoten ginen adarren urkulgunean hosto eta zarba lehor mordo bat jartzen zen. Alboetako beste lauzpabost adar urkulduk eusten zieten hagak-edo deituko nituzkeenei. Hatz bete diametroko adar sendo batzuk besterik ez ziren. Haien gainean adaxkak eta zarbak. Asmo jakinik gabe botata zeudela ematen zuen. Lastoz estaltzeko asmorik ere ez zegoen-eta. Eta aitortu beharra dut, zaparrada on bat botatzen zuenean, itokina besterik ez zuela izaten. Kalakarik, ordea… Etxeko bizimodua karga astuna bihurtu zigun amari eta bioi, eta ez diot itokinengatik, hiruron arteko talde-bizitzagatik baizik. Asmorik txarrenak zituen nire kontrako pertsekuzioan. Horixe izan zuen bost minutu jarraian baino gehiago iraun zion asmo bakarra. Ama azkenerako ez zen hainbeste lehiatzen ni defenditzen. Uste dut Kalakarik etengabe eragiten zizkigun iskanbilengatik, traba bihurtu nintzaiola azkenerako. Gauza da hain bizkor ari zela okertzen egoera, non luzera gabe aurkituko bainintzen neure kabuz etxetik alde egitera beharturik. Baina horixe neure kabuz egiteko poza ere ukatu egin zitzaidan. Alde egiteko prestatu baino lehen, bota egin ninduten kanpora. Esan bezalaxe. Behin, habian bakarrik nengoela, izan zuen Kalakarik horretarako aukera. Ama eta Kalakari elkarrekin joanak ziren ahabiak izaten ziren istingadietarantz. Baina aurretik prestatua edukiko zuen, nonbait, zeren basoan zehar bakarrik zetorrela sumatu nuen, orroka eta bere burua berotuz. Gure taldekoek haserre zeudenean, edo haserretu nahi zutenean ohi zuten bezala, han eta hemen gelditu eta ukabilak itxirik bular joka ari zen. Segituan ohartu nintzen zein egoera babesgabean nengoen, eta ikaraz kuzkurtu nintzen habian. Kalakari zuhaitzeraino zuzenean heldu –gogoan dut haritza zela– eta igotzen hasi zen. Ez zuen eten une batez ere iskanbila hura. Esan dizuet gure hizkuntza urria zela guztiz; eta mila modutan behartu behar izan zuen, inondik ere, niri zidan gorroto neurrigabea eta nirekikoak orduantxe bukatzeko zekarren asmoa adierazteko. Urkulguneraino igo zenean, adar etzan batetik ihes egin nion. Atzetik etorri zitzaidan, eta ni gorago eta gorago. Azkenean adaxkarik meheenetaraino urrundu nintzen, hosto arteraino. Kalakari koldar hutsa zen orain ere, eta amorrua baino kontu handiagoa erabiltzen zuen beti. Beldur zen adaska mehe eta hostoen artean jarraitzeko. Zeren gorputzaren pisuak ni harrapatu baino lehenago eroraraziko baitzuen hosto artetik behera. Ez zuen, ordea, horrenbesteren beharrik, eta bazekien ondotxo, zital hark! Aurpegian begirakune gaizto bat jarriz, bere begitxo distiratsuek ankerkeria gaiztoz dizdiz egiten zutela, adarrak astintzen hasi zen. Eta nola astindu ere! Eta ni adarraren punta-puntan, nire pisuarekin hausten hasita zeuden adaxkei heldurik. Hogeiren bat oin beherago, lurra. Geroz eta amorru handiagoz astintzen zituen, bere gorrotozko irri maltzurra erakutsiz. Eta hantxe izan zen akabera. Nire lau heldulekuak batera hautsi zitzaizkidan, eta erori egin nintzen, bizkarrez behera, Kalakariri begira, eskuez eta hankez oraindik ere adaska hautsiei helduz. Eskerrak azpian basurderik ez zegoen, eta nire erorikoa sastraka gogor, malguetan amaitu zen. Normalean erorikoak ametsa eteten zidan; nerbioen astinaldia aski izaten zen milaka menderen arteko zubia instante batean igaro eta nire ohetxora itzultzeko, eta han esnatzen naiz, izerditan blai, ikara batean, egongelan kuku-erlojuak orduak jotzen zituen bitartean. Nire bizilekutik alde egin nueneko amets hori askotan izan dut, ordea, eta ez nau sekula esnatu. Beti erortzen naiz, adar artean behera garrasika, eta lurra jo eta punpa egiten dut. Eroritako lekuan geratzen naiz etzanda, urratuz eta ubelduz beteta, negarrez. Belar artetik begiratuz, han dago oraindik Kalakari. Deabruzko poz-abesti bat abesten, bere balantzaz konpasa eramanez. Berehalaxe utzi nion negar egiteari. Ez nengoen zuhaitzetako segurtasunean, eta banekien nolako arriskuan nenbilen nire saminaren gehiegizko adierazpenen batez piztia ehiztariak erakartzen banituen. Gogoan dut, zinkurinak isiltzean, negar malkoz bustirik nituen betazalak zabaldu eta ixtean eratzen ziren argi-efektu bitxiak miresten aritu nintzela. Geroxeago hobeto aztertzen hasi nintzen, eta erori izanagatik ere hain mailatuta ez nengoela ohartu nintzen. Ile batzuk galdu eta urratu batzuk nituen han eta hemen; adar-punta zorrotz, koskatsua hatz bete sartua nuen besoan; eta eskuineko bernak, harekin jo bainuen bete-betean lurra, ezin eramanezko mina egiten zidan. Baina ez ziren sekulako kolpeak, azkenean. Hezur hautsirik ez nuen, eta garai hartan gizonaren haragia errazago sendatzen zen gaur egun baino. Eroriko galanta izan zen nolanahi ere, handik astebetera ere herren bainenbilen oraindik berna-mokor minduarekin. Artean sasitzan nengoela, nire hondamendiaren sentimendua nagusitu zitzaidan; etxerik ez nuela ohartu nintzen. Kalakarirekin eta amarekin gehiago ez nintzela biziko erabaki nuen. Handik urrutira alde egingo nuen, oihanean zehar, eta zuhaitz bat bilatuko nuen, kota jartzeko. Jatekoa banekien non aurkitu. Urtebete bazen gutxienez amaren beharrik ez nuela jateko. Babesa eta gidaritza, besterik ez zidan ematen. Poliki-poliki atera nintzen sasietatik arrastaka. Atzera begiratu nuen, eta artean kantuan eta zabuka ikusi nuen Kalakari. Ez zen ikusteko polita. Banekien kontuz behar nuela ibili, eta aparteko arretaz ibili nintzen munduan egiten nuen lehenengo bidaia hartan. Ez nekien, ezta hurrik eman ere, norantz nindoan. Helburu bat baizik ez nuen: Kalakariren irismenetik urrundu. Zuhaitzetara igo eta ordutan ibili nintzen hara hona, batetik bestera aldatuz, lurra behin ere ukitu gabe. Baina ez nindoan leku jakin baterantz, eta ezta gelditu gabe ere. Iraunkorra ez izate hori neure izaerazkoa nuen, gure taldeko guztiek bezala. Haurra nintzen, gainera, eta sarri-sarri gelditzen nintzen bidean jolas egiteko. Etxetik alde egitean gertatu zitzaizkidanez oroitzapen lauso bat baizik ez zait geratzen. Ez zaizkit agertzen ametsetan. Gauza asko ahaztu ditu nire beste ni horrek, garai horretakoak batez ere. Ez naiz gauza izan ametsak zuhaitzetako etxetik alde egin eta haitzuloetara iritsi nintzen arteko bitarte hori betetzeko moduan banan-banan antolatzeko. Gogoan dut eremu zabaletan ibili nintzela behin baino gehiagotan. Ikaraz igarotzen nituen, lurrera jaitsi eta ahal nuen abiada bizienean lasterka eginez. Gogoan dut egun euritsuak eta egun eguzkitsuak ere izan zirela; luzaro samar ibili nintzen, beraz, inondik ere, bakarrik. Amets asko egin ditut, batez ere euritan izaten nuen sufrikarioaz, goseak eragiten zidan oinazeaz eta gosea nola baretzen nuen. Oso sartuta daukat tontor soil bateko harkaitzetan sugandilak harrapatzen aritu nintzeneko oroitzapena. Harri azpira joaten zitzaizkidan, eta ihes egiten zidaten gehienetan; baina batzuetan harria irauli eta bat harrapatzen nuen. Sugeek uxatu ninduten tontor hartatik. Ez zidaten segi. Eguzkitan berotzen zeuden harri zapaletan, besterik gabe. Baina halako beldurra nien herentziaz, non segi izan balidate bezain bizkor ihes egin bainuen handik. Gero zuhaitz gazteen azal mingotsa hozkatu nuen. Oroitzapen lauso bat dut intxaur berde asko jan izana, beren oskol bigunarekin eta mami esnetsuarekin. Eta oso garbi gogoratzen dut urdaileko mina izan nuela. Baliteke intxaur berdeek eragina izatea, edota sugandilek, beharbada. Ez dakit. Baina bai, badakit suerte handia izan nuela koliko harekin lurrean iraulika egin nituen orduetan jan ez nindutelako. V. KAPITULUA Bat-batean agertu zitzaidan eszena, basotik irten bezain laster. Zabaldi handi, garbi baten ertzean nengoen. Zabaldiaren alde batean haitz garai batzuk altxatzen ziren. Bestean ibaia zegoen. Ibaiertza piko-piko jaisten zen uretara, baina sarguneak zeuden han eta hemen, noizbait luiziak izandako leku batzuetan. Haiek ziren haitzuloetan bizi zen gure taldearen edalekuak. Eta huraxe zen ustekabean topatu nuen Jendearen bizileku nagusia. Herrixka bat zela esango nuke, hitz horren esanahia zertxobait behartuta. Ama, Kalakari, eta ni, eta bakandurik bizi ziren beste batzuk, aldirietako biztanleak bezala-edo ginen. Gure taldeko kideak ginen, hartatik urrun samar bizi baginen ere. Ez zen lehengo lekutik oso urrun, hara iristeko astebete behar izan banuen ere, noraezean ibili nintzelako. Zuzenean joan izan banintz, ordubetean egingo nukeen bide hura. Gatozen berriro harira, ordea. Basoaren ertzetik, malkarretako leizeak, zabaldia eta edalekuetara jaisteko maldak ikusi nituen. Eta zabaldian gure taldeko kide asko. Astebete ibili nintzen, haurra eta galdurik. Denbora horretan, bat ere ez nuen ikusi nire arrazakorik. Izuaren mende eta babesik gabe ibili nintzen. Eta orain, nire kidekoak ikusita, pozak gainezka nengoen, eta alai joan nintzaien lasterka. Gauza harrigarri bat gertatu zen orduan. Ikusi nindutelarik, alarma-oihuka hasi ziren batzuk. Eta bat-batean, ihes egin zuen gure talde osoak, izuz eta negarrez. Haitzetan saltoka eta arrastaka, beren haitzulo-sarreretatik barrura ezkutatu ziren… bat salbu, haurtxo bat, nahasmendu hartan labarraren oinean utzi baitzuten. Etsi-etsian ari zen negarrez. Ama haitzulotik atera zen; haurrak amarengana jauzi egin eta estu-estu heldu zion, hark haitzulora zeraman bitartean. Bakar-bakarrik nengoen. Lehen beterik zegoen zabalgunea, hutsik geratu zen bat-batean. Babesik batere gabe eseri nintzen, negarrez. Ez nuen ulertzen. Zergatik ihes egin zidan taldeak? Gerora jakin nuen, haien ohiturak ezagutu nituenean. Basotik eginahalean lasterka azaltzen ikusi nindutenean, piztiaren bat segika nuela iruditu zitzaien. Nire agertze zalapartatsuak sakabanarazi zituen. Eseri eta haitzulo-sarreretara begiratu nuenean ohartu nintzen niri begira nuela talde osoa. Handik pixka batera buruak ateratzen hasi ziren. Geroxeago, elkarri hoska. Iskanbila eta zalaparta hartan asko ez ziren beren leizetan sartu. Gazteetako batzuk besteren haitzuloetan babestu ziren. Amek ez zieten beren izenez deitzen; asmazio hori egin gabe zegoen oraindik. Ez zuten izenik. Amek negarrezko oihu larriak egiten zituzten, eta txikitxoek ezagutu egiten zituzten. Neuk ere, ama han egon izan balitz eta deitu izan balit, segituan ezagutuko nukeen haren hotsa beste mila amen hotsen artean, eta baita berak nirea ere, beste milaren artean. Hartan jarraitu zuten alditxo batez deiek eta erantzunek; baina beldur handiegia zuten haitzuloetatik irten eta zabalera jaisteko. Halako batean bat jaitsi zen. Leku handia izango zuen nire bizitzan, eta dagoeneko eragin handia zuen gure taldeko kideen bizitzan. Begi Gori zen; halaxe deituko dugu historia honetako orrietan, betazalak gorriturik eta begiak erreta zeuzkalako eta horrek, basatikeria izugarria aldarrikatuko balu bezala, itxura bitxi bat ematen ziolako. Haren arimaren kolorea ere gorria zen. Munstro bat zen, zentzu guztietan. Gorputzez, erraldoia. Pisuz ehun eta hirurogeita hamar libra onak izango zituen. Gure kidekoetan ikusi dudan sendoena. Ez Suaren Gizonen artean, ez Zuhaitzetako Gizonen artean ez dut ikusi izan halako tamainakorik. Inoiz edo behin egunkarietan, gure atleta eta borrokalari modernoen deskripzioak topatuta, galdetu izan diot neure buruari, zertan amaituko zuketen horietako onenek ere Begi Goriri aurre egin behar izan baliote. Ez dut uste aukera handirik izango luketenik. Bere burdinazko hatzen atzaparkada batez tiraldi bat eman eta giharrak erauziko zizkien, edo besondoko giharra errotik aterako zien gorputzetik. Zaplada bat, errebeskada bat, eta arrautza-oskola bezalaxe zanpatuko zien burezurra. Hanka izugarri haien (edo atzeko eskuen) kolpetxo bat aski, tripak ateratzeko. Lepoa bihurritu eta hautsiko lieke, eta badakit masailak estutu hutsarekin, lepoko zaina eta hezurra biak batera ebakiko lizkiekeela. Eserita zegoen lekutik, gauza zen hogei oineko jauzia egiteko. Ikaragarri iletsua zen. Gure artean harrotzeko gauza izaten zen ile gutxi izatea. Hark, ordea, alde guztietan ilea zuen, besapean bezala besagainean, eta baita belarrietan ere. Eskuko ahurrak, oin azpiak eta betazpiak, horiexek zituen bakarrik ilerik gabe. Itsusia ikaragarri, ahoa irribarre ankerrez bihurritua eta ezpain erori eskerga hura ezin hobeto egokitzen zitzaizkion bere begi izugarriekin. Halakoxea zen Begi Gori. Kontu handiz atera zen haitzulotik kanpora eta zelaira jaitsi zen. Niri jaramonik egin gabe, ingurura begiratzen hasi zen. Gerritik gora makurtuta ibiltzen zen; hainbesteraino makurtzen zen eta hain luzeak zituen besoak, non urrats bakoitzeko ukitzen baitzuen lurra hatz-koskorrez, alde bietan. Baldarra zen erdi-zutik ibiltzeko jarrera horretan eta egiaz jotzen zuen lurra hatz-koskorrez, gorputza orekatzeko. Baina, begira, denoi irabazten zigun lasterka! Gu, berriz, oso baldarrak ginen horretan. Areago, gure artean gutxi ziren ibiltzean hatz-koskorretan bermatzen zirenak. Atabismoz gertatzen zen hori, gertatzen zenean; eta Begi Gori zen atabismorik handiena. Horixe baitzen hura: atabismo bat. Gu zuhaitzetako bizitzatik lurreko bizitzarantz aldatzen ari ginen. Belaunaldi askotan ari ginen aldakuntza horretan, eta gorputza eta ibilera ere aldaturik genituen. Begi Gori, berriz, zuhaitzetako gizon primitiboago baterako atzerakada zen. Gure taldean jaioa zenez, gure artean geratu zen; izan, ordea, atabismoa zen gure artean; beste nonbait zegokion lekua. Adi eta zelatan ibili zen zabaldian hara-hona, zuhaitz tarteetara begira, ustez atzetik etorriko zitzaidan piztia ehiztaria ikusi nahiz. Eta hura horretan ari zen bitartean, haitzuloetako sarreretan pilatu zen talde guztia, begira. Azkenerako, arriskurik ez zela ohartu zen, itxuraz, Begi Gori. Malda gorenetik edalekuetara begiratu bat egitera joan eta itzuleran zetorren. Gertura etorri zen, baina niri erreparatu ere gabe. Ezer ez balitz bezala jarraitu zuen bere bidea, nirekin topo egin zuen arte, eta orduan, besterik gabe, sinetsi ere ezinezko bizkortasunez, sekulako zaplada bat eman zidan. Hamar bat oin bota ninduen atzera, lurrera erori nintzen arte, eta gogoan dut oraindik, kolpea igarota ere konortea erdi-galdurik nengoen arren, nolako barre eta oihu-iskanbila basatia iritsi zitzaidan haitzuloetatik. Txantxa bikaina zen, garai haietan behintzat, eta pozik hartu zuen gure taldeak. Horrelaxe egin zidaten harrera taldean. Begi Gorik ez zidan gehiago jaramonik egin, eta libre nintzen, negar ala zotin, nahi nuena egiteko. Emakume batzuk jakin-minez inguratu zitzaizkidan, eta segituan ezagutu nituen. Aurreko urtean, amak hurritzak zeuden trokara eraman ninduenean, topatu genituen berberak ziren. Baina berehalaxe utzi ninduten bakarrik, eta dozena bat mutiko lotsagabe eta txantxazale agertu zen haien ostean. Inguruan korro bat egin eta behatzez seinalatzen ninduten, imintzioka, zirikatuz eta atximur eginez. Beldurtuta nengoen, eta hasieran egonarriz pairatu nuen dena; gero, ordea, haserreak hartu ninduen, eta hozka eta atzamarka ekin nion ausartenari; zein izango, eta Belarri Makur. Belarri bat baizik zutitu ezin zezakeelako deitzen dut horrela. Beste belarria zintzilik erabiltzen zuen beti, indarrik eta mugimendurik gabe. Istripuren batean giharrak hondatuko zitzaizkion nonbait, eta erabiltzeko gauza ez zela geratu zen. Elkarri lotu, eta su eta gar ekin genion, haurrek borrokan ari direnean egin ohi duten bezala. Elkarri hozka eta atzamarka, ileetatik tiraka, indarka, lurrean itzulika. Gogoan dut, geroago unibertsitatean jakin nuenez Nelson-erdia deitzen zaion hori egitea lortu nuela. Heldukada horrek abantaila handia eman zidan. Baina ez nuen askorik gozatu. Hanka bat okertu eta halako ostikada basatia eman zidan hankaz (edo atzeko eskuaz) non gutxi behar izan bainuen sabela lehertzeko. Askatu egin behar izan nuen, salbatuko banintzen, eta borrokari ekin genion berriro. Belarri Makur ni baino urtebete zaharragoa zen, baina ni askoz haserreago nengoen eta azkenean ospa egin zuen. Atzetik jarraitu nion, zabaldian zehar eta ibaira zihoan malda batean behera. Baina nik baino hobeto ezagutzen zuen lekua, eta ur-ertzetik joanda beste malda batetik gora jo zuen. Zabalgunea igaro eta sarrera zabaleko haitzulo batean ezkutatu zen. Ohartu ere baino lehen, ilunpetan murgilduta nengoen, haren atzetik. Beldurrak hartu ninduen. Ordu arte inoiz ez bainintzen haitzulo batean sartu. Negarrez eta garrasika hasi nintzen. Belarri Makurrek iseka egiten zidan eta, ezkututik gainera jauzi eginez, lurrera bota ninduen. Ez zen arriskatu, ordea, berriro borroka egitera, eta atzera egin zuen. Beraren eta haitzulo-sarreraren artean nengoen, eta ez zen pasatu, baina han ez zegoela iruditzen zitzaidan. Belarria adi jarri nuen, baina ezin izan nuen asmatu non zegoen. Harriturik utzi ninduen horrek, eta kanpora atera nintzenean, eseri eta zelatan geratu nintzen. Sarreratik ez zen atera, hori seguru, eta, hala ere, handik minutu batzuetara barrez ari zitzaidan ondo-ondotik. Atzetik abiatu nintzaion, eta haitzuloan barrena ezkutatu zen berriro; hartan, ordea, haitzulo-sarreran geratu nintzen, atzeraxeago joan eta begira. Ez zen atera, eta hala eta guztiz ere ondo-ondoan nuen berriro barrez, eta hirugarren aldiz jarraitu nion haitzuloan barrena. Behin eta berriro egin zidan gauza bera. Azkenean haitzulo barreneraino jarraitu nion; alferrik bilatu nuen. Jakin nahi nuen zer gertatzen zen. Ez nuen ulertzen nola ihes egiten zidan. Haitzuloan sartu zen guztietan, behin ere ez zen atera, eta hala eta guztiz ere ondora etorri eta iseka egiten zidan. Horrela, borroka izanez hasi zena ezkutaketa bihurtu zen. Arratsalde osoan jarraitu genuen, tartean behin geldituz, eta adiskidetasun-sentimendu alai bat sortu zen gure artean. Azkenerako ez zidan ihes egiten, eta elkarren ondoan esertzen ginen, besoez elkarri heldurik. Geroxeago sarrera zabaleko haitzuloaren misterioa argitu zidan. Eskutik heldu eta barrura eraman ninduen. Haitzulo hura beste batekin lotuta zegoen zirrikitutxo batetik, eta handik igarota berriro kanpora atera ginen. Orain, bada, adiskide minak ginen. Gainerako gazteak zirikatzera etorri zitzaizkidanean, nirekin elkartu eta eraso egin zien, eta hain gogor egin ere, non berehalaxe laga baikintuzten bakean. Belarri Makurrek bere bizilekua erakutsi zidan. Ezin zidan gauza askorik azaldu hango jokamoldeaz eta ohiturez; ez zuen horretarako behar zen hiztegirik; baina haren jokabidea ikusiz gauza asko ikasi nuen, eta gero gauzak eta tokiak ere erakutsi zizkidan. Haitzuloaren eta ibaiaren arteko zabaldira eraman ninduen, eta harago, basora, eta han, zuhaitzen arteko leku belartsu batean, zuntz sendoko azenarioak jan genituen. Ondoren, ibaian ur freskoa edan eta maldan gora abiatu ginen haitzuloetara. Maldan topatu genuen berriro Begi Gori. Lehenengo gauza, Belarri Makur alde batera baztertu zen, ezpondaren kontra estutuz. Nik ere, oharkabean, gauza bera egin nuen. Orduan horrenbesteraino zerk izutzen zuen begiratu nuen. Begi Gori zen, maldan behera harro zetorrela, bere begi erreez basakeriazko begiradak eginez. Gazteenek, guk bezala, ihes egiten ziotela ohartu nintzen; nagusiek ere mesfidati begiratzen zioten inguruan zebilenean, eta alde batera egiten zuten bidearen erdia hari uzteko. Ilunabarra iritsi zenean, zabaldia hutsik geratu zen. Taldea haitzuloen segurtasunaren bila ari zen. Belarri Makurrek etzalekura eraman ninduen. Harkaitz goreneraino igo ginen, beste haitzulo guztiak baino gorago, behetik ikusi ere egiten ez zen arrakala estu batera. Belarri Makur barruan estutu zen. Nik nekez jarraitu nion, estu-estua baitzuen sarrera, eta harrizko gelatxo baten barruan aurkitu nintzen. Oso txikia zen, oin-pare bat baino gehiago ez altu, hiru bat zabal eta lau luze. Hantxe lo egin genuen gau hartan, elkarren besoetan kuzkurturik. VI. KAPITULUA Gaztetxorik ausartenek sarrera zabaleko haitzuloetan ezkutaketan jolas egiten zuten bitartean, garbi ikusi nuen haitzulo haietan inor ez zela bizi. Haietan inor ez zen geratzen gauez lo egitera. Sarrera estuko haitzuloak baizik ez ziren erabiltzen lotarako, zenbat eta sarrera estuagoa, orduan eta hobeto. Gau eta egun haietan bizitza neketsua bihurtzen ziguten ehiza-piztien izuagatik izaten zen hori. Belarri Makurrekin lehenengo aldiz lo egin nuen gauaren biharamun goizean ohartu nintzen zein zen sarrera estuko haitzulo horien abantaila. Goizeko lehenengo argiarekin batera, Ezpata Hagin tigrea zabaldian agertu zen. Gure taldeko bi jaikita zeuden. Zalaparta batean ihes egin zuten. Ez dakit izuak hartuta ala Ezpata Hagin hurbilegi zutelako eta labarrean arrakaletaraino igotzeko betarik eman ez zielako izan zen; gauza da aurreko arratsaldean Belarri Makur eta biok jolasean aritutako sarrera zabaleko haitzuloan sartu zirela arrapaladan. Barruan zer gertatu zen ez dago esateko modurik; baina aise atera daiteke, gure taldeko bi lagunek zirrikitutik beste haitzulora ihes egin zutela. Zirrikitu hura estuegia zen Ezpata Hagin igarotzeko, eta sartu zen bide beretik itzuli zen berriro, amorruz eta haserre. Bistan zegoen gaueko ehizan ez zuela arrakastarik izan, eta gosaltzeko gutakoren bat jatea espero zuela. Taldeko bi kideak beste haitzulo-sarreran ikusi, eta haietara jauzi egin zuen. Haiek pasadizotik zehar lehengo haitzulora ihes egin zioten berriro, jakina. Lehen baino ere haserreago atera zen, mehatxuka. Sekulako iskanbila sortu zen gure artean. Malkar gainetik pilaka atera ginen arrakaletatik eta erlaitzetatik, mila modutan uluka eta garrasika. Imintzio bitxiak egiten genituen, oihuka; horixe agintzen zigun senak. Ezpata Hagin bera bezain haserre ginen geu ere, gure haserrea beldurrarekin nahasten zela salbu. Gogoan dut inork baino imintzio eta garrasi gehiago egiten nuela. Ez besteen ereduari segiz bakarrik, barrenak haiek egiten zutena egiteko agintzen zidalako baizik. Ilea lazturik, ikara batean nengoen amorru sutu eta itsu batez. Ezpata Hagin zaharrak haitzulo batera eta gero bestera jo eta jo jarraitu zuen. Taldeko biek, ordea, bi haitzuloen arteko pasadizotik igaro, eta ihes egiten zioten. Bien bitartean, gainerako guztiok erasoari ekin genion labar gainetik. Haitzulotik kanpora ateratzen zen bakoitzeko, harrika erasotzen genion. Hasieran pendizean behera botatzen genizkion, baina berehalaxe hasi gintzaizkion indar guztiaz jaurtitzen. Bonbardaketa horrek guregana erakarri zuen Ezpata Haginen arreta eta are gehiago amorrarazi zuen. Taldeko biei jarraitzeari utzi eta haitzetatik gora abiatu zen, erpeak harkaitzetan iltzatuz, goraka etorri ahala orro eginez. Haren itxura izugarria ikusirik, haitzulo barrenetan babestu ginen denok. Badakit, zeren kanpora azaldu bainintzen, eta malkarra huts-hutsik zegoela ikusi bainuen, eta hantxe Ezpata Hagin, laprast egin eta behera irristaka zihoala. Animu-oihu bat egin nien denei, eta taldeak bete zituen berriro haitz guztiak, garrasika, eta harriak lehen baino ere ugariago joan ziren maldan behera. Ezpata Hagin amorruak erotzen zegoen. Behin eta berriro saiatu zen malkarrean gora. Batean sarrera estuko lehenengo haitzuloetara ere iritsi zen, baina ezin izan zuen barrura sartu. Igotzeko egiten zuen saio bakoitzeko, izuak hartzen gintuen. Horrelakoetan barruan ezkutatzen ginen ia denak hasieran; baina batzuk zeuden lekuan geratzen hasi ziren hari harrika egiteko, eta azkenerako denak geratu ginen harri-zaparrada batean. Halako piztia indartsurik inoiz ez zen ikusi horren barregarri menderatuta. Min izugarria hartu zuen bere harrotasunean, hain izaki txiki eta ahulek menderaturik. Zabaldian geldi eta begira geratu zitzaigun, orroka, isatsa astinduz, inguruan erortzen zitzaion harri-zaparradari ihesi. Une batean harri bat bota nion, eta une horretantxe gora begiratu zuen. Mutur-muturrean jo zuen; sekulako jauzia egin zuen, lau hankak airean zituela, ustekabeagatik eta kolpeagatik orroka eta uluka. Menderatuta zegoen eta bazekien. Itxura duina hartu, eta handi-itxurak eginez urrundu zen harri erauntsi hartatik. Zabaldiaren erdian gelditu eta arretaz eta gosez begiratu zigun atzera. Haserre zegoen jan gabe geratu zelako; gu ginen janari ugaria, inguratu bai, baina harrapatu ezina. Haren itxura ikusita, algara bat lehertu zen gure artean. Burlaz eta zarataz egiten genion barre, denok. Animaliei ez zaie gustatzen burla egiterik. Inork barre egiten badie haserretu egiten dira. Eta horrelaxe mindu zuen gure barreak Ezpata Hagin. Orro eginez jiratu zen, eta labarrean gora egin zuen berriro. Horixe nahi genuen guk. Borroka zena jolas bilakatu zen, eta sekulako gozamena hartzen genuen hari harrika eginez. Baina eraso hura ez zen asko luzatu. Berehalaxe itzuli zen bere zentzu onera, gure harrikadek bete-betean jotzen baitzuten, gainera. Oraindik ere gogoan dut haren begia, guk botatako harrikada batek jo eta handitu eta ia itxita. Eta oso garbi ikusten dut oraindik ere haren irudia, basoaren ertzean geldi, hara erretiratu baitzen azkenik. Atzera begiratzen zuen, guregana, ezpainak okertuta, bere letagin erraldoien zuztarra ere erakutsiz, ilea laztuta eta isatsa astinduz. Berriro orro bat egin eta zuhaitz artean ezkutatu zen gure bistatik. Orduan sekulako hitz-jarioa hasi zen gure artean. Mordoka atera ginen gure zuloetatik; haren erpeek malkarreko haitzetan utzitako arrastoak aztertu eta denek batera hitz egiten genuen. Ezpata Haginek bi sarrerako haitzuloraino segi zien bietako bat gaztetxo bat zen, erdi haur erdi gaztea. Harro-harro irten ziren beren babeslekutik, eta guk, inguruan pilaturik, miresmenez begiratzen genien. Horretan gazteenaren ama azaldu zen eta haserre bizian eraso zion, belarrietatik tiraka, ilea erauzi beharrean, deabruaren moduan garrasika. Emakume handi, sendo bat zen, oso iletsua; eta semeari eman zion astindua gozamena izan zen taldearentzat. Barre-marruka egiten genuen, elkarri helduz edo gure pozean lurrean iraulika. Izumenaren erreinuan bizi baginen ere, gure taldea barrezalea zen oso. Umore ona genuen. Gure pozak Gargantuarenen gisakoak izaten ziren. Ez zuten neurririk izaten. Ez zen erdizkako gauzarik. Zerbait barregarria bazen, zen bezala hartuta algaraz lehertu behar genuen, eta gauzarik soilen, arruntenak harrigarriak iruditzen zitzaizkigun. Bai! Barrezale handiak ginen, egon seguru. Ezpata Hagin tratatu genuen modu hartantxe tratatzen genituen gure herrixka inbaditzen zuten animalia guztiak. Gure ibilbideak eta edalekuak geuretzat gordeta geneuzkan, eta gure inguruko lurretan sartzen ziren edo zebiltzan animaliei bizimodua negargarria bihurtzen genien. Ehizako piztia basatienei ere halako moduan jazartzen genien, non ederki ikasten baitzuten gure lekuak bakean uzten. Gu ez ginen haiek bezala borrokalariak; maltzurrak eta koldarrak ginen, eta maltzurkeriari eta koldarkeriari, eta izutzeko genuen joera neurrigabeari esker iraun genuen bizirik, Mundu Sortuberri hartako ingurumen etsai hartan. Belarri Makur ni baino urtebete zaharragoa izango zen, nik uste. Bere ordu arteko historia zer izan zen ezin zidan kontatu; baina haren amaren arrastorik inoiz ikusi ez nuenez, umezurtza izango zela uste nuen. Nolanahi ere gurasoak izateak ez zuen askorik inporta gure taldean. Ezkontza hasiera-hasieran zegoen oraindik, eta bikoteak beti zuen haserretzeko eta bereizteko bidea. Gizon modernoak, dibortzioaren instituzioarekin, gauza bera egiten du lege barruan. Baina guk ez genuen legerik. Ohiturak ziren gure araua, eta gai honetan, hain zuzen, promiskuo samarrak ginen. Nolanahi ere, kontaketa honetan aurrerago ikusiko den bezala, ordurako bagenuen joeratxo bat geroago beren barrenean ohitura hori hartu zuten tribuei sendotasuna eta boterea emango zien monogamiarako. Ni jaio nintzenerako bazen, gainera, elkarri fideltasuna gordetzen zioten bikoteren bat edo beste amaren inguruan zuhaitzetan bizi zirenen artean. Talde barreneko bizitzak ez zuen laguntzen monogamiarako. Horregatik elkarri fideltasuna zioten bikoteek alde egiten zuten gure taldetik, beren gisara bakarrik bizitzeko. Bikote horiek urteak egiten zituzten elkarrekin, baina senarra edo emaztea hiltzen bazen edo piztiaren batek jaten bazuen, bizirik geratzen zenak beti aurkitzen zuen beste bizilagun bat. Gauza batek utzi ninduen harrituta taldean bizi izan nintzen lehenengo egunetan. Bazen izenik gabeko eta ezin adierazizko izu bat denak mendean zituena. Hasieran noranzko-kontu bat zela iruditu zitzaidan. Gure taldea ipar-ekialdearen beldur zen. Zerumuga haren beldurrez bizi zen. Sarritan begiratzen zuten harantz, eta beste inorantz baino alarma handiagoz begiratu ere. Belarri Makur eta biok, zuztar gizenezko azenarioak sasoirik onenean zeudenean haiek jatera ipar-ekialderantz joaten ginenean, inoiz baino herabeago bihurtzen zen. Uzkinak, azenario handi gogortuak edo txiki maskalak janda nahikoa izaten zuen urrutixeago menturatu baino, han helduak eta inork ukitu gabeak egon arren. Ni ausartzen nintzenean, errietan egiten zidan eta ez zen ados egoten. Alde hartan arrisku beldurgarri bat zela adierazten zidan; baina bere hizkuntzaren urritasunak ez zion uzten arrisku ikaragarri hura zer zen adierazten. Janaldi eder askoak egin nituen horrela, bera alfer-alferrik orroka eta garrasika ari zitzaidan bitartean. Ez nion ulertzen. Ni azti egoten nintzen beti, baina ez nuen arriskurik ikusten. Beti ateratzen nuen kontua zenbateko distantzia zegoen hurbileneko zuhaitzera, eta banekien Lehoiak edo Ezpata Haginek, kolpetik azalduta ere, harrapatu baino lehen iritsiko nintzela haren babesera. Arrats batez, ia ilun zela, iskanbila handi bat sortu zen herrixkan. Sentipen bakar batek pizten zuen taldea: izumenak. Taldea labarretan pilatuta zegoen, ipar-ekialdera begira eta harantz seinalatuz. Ez nekien zer zen, baina instintuz nire haitzulotxoko babesera abiatu nintzen lasterka, begiratzeko biratu baino lehen. Eta orduan ikusi nuen lehendabiziko aldiz, errekaz beste aldean, urruti, ipar-ekialdera, kearen misterioa. Inoiz ikusi nuen animaliarik handiena zen. Suge munstro bat zela iruditu zitzaidan, zuti, burua zuhaitzik garaienen gainetik jasota, aurrera eta atzera zabuka. Hala eta guztiz ere, ez dakit nola, taldearen jarreragatik, egiazko arriskua kea ez zela antzeman nion. Beste zerbaiten seinalea zirudien beldur hark. Beste zer hori zer zen ezin nuen asmatu. Eta beraiek ezin zidaten esan. Baina berehalaxe jakingo nuen, eta ulertuko nuen hura beldurgarriagoa zela Lehoia baino, Ezpata Hagin tigrea baino, sugeak berak baino, horiek baino gauza beldurgarriagorik ezer ezin izan zitekeela bazirudien ere. VII. KAPITULUA Hagin Mailatu ere bere kontura bizi zen mutiko horietako bat zen. Ama haitzuloetan bizi zuen, baina beste bi seme etorri ziren ondoren, eta kanpora bidali zuten, bere kabuz bizi zedin. Aurreko egunetan ikusi genuen gertaera hori, eta ez gozamen gutxiz hala ere. Hagin Mailatuk ez zuen alde egin nahi, eta ama haitzulotik urrundu bezain laster, berriro sartzen zen ezkutuka. Ama itzuli eta han aurkitzen zuenean, ikustekoa izaten zen nola haserretzen zen. Taldearen erdia hantxe geratzen zen ikuskari hura ikusteko. Amaren orroak eta garrasiak entzuten ziren lehendabizi haitzulotik. Gero jipoi-hotsak eta Hagin Mailaturen oihuak. Orduan bi anaia gazteagoak ere sartzen ziren. Eta azkenik, miniaturazko sumendi baten eztanda balitz bezala, kanpora jaurtitzen zuten Hagin Mailatu. Egun batzuen buruan behin betirako bota zuten etxetik. Zabaldiaren erdian egon zen lantua jotzen, ordu erdi gutxienez, eta gero Belarri Makurrekin eta nirekin bizitzera etorri zen. Gure haitzuloa txikia zen, baina ondo estutuz gero bazegoen lekua hirurontzat. Ez naiz gogoratzen Hagin Mailatuk gau bat baino gehiago egin zuenik gurekin; horregatik, berehalaxe gertatu zitzaion istripua, nik uste. Eguerdi batez izan zen. Goizean azenarioz ase ginen eta, ondoren, jolasetan axolagabeturik, aurreragoko zuhaitz handietara joaten ausartu ginen. Ez dut ulertzen nola gainditu zuen Belarri Makurrek bere betiko beldurra; jolasaren eraginez, inondik ere. Gustura ari ginen zuhaitzetan atxiloketan. Hura atxiloketa! Hamar-hamabost oineko jauziak egiten genituen, ezer ez balira bezalaxe. Guretzat hutsaren hurrengoa zen hogei-hogeita bost oineko altueratik behera jauzi egitea. Beldurra eta guzti ematen dit nolako jauziak egiten genituen esateak. Helduago eta astunago egin ginenean ikasi genuen jauzi horietan kontu gehiago erabiltzen; baina adin hartan gure gorputza zaina eta kirioa besterik ez zen, eta edozer egin genezakeen. Hagin Mailatuk aparteko zalutasuna zuen jolas horretan. Hura beste inor baino gutxiagotan geratzen zen atxilo, eta jolasean ari ginenean beti asmatzen zuen zilipurdi zailen bat, ez Belarri Makur ez ni egiteko gauza ez ginena. Egia esateko, beldur ginen saioa egiteko ere. Gutakoren bat atxilo zenean, Hagin Mailatu bagenekien zuhaitz baten goreneneko adarreraino igotzen zen beti. Handik lurrera hirurogeita hamarren bat oin izango ziren, eta erorikoari eusteko ezer ez zuen azpian. Bera baino hogeiren bat oin beherago, haren perpendikularretik hamabosten batera, beste zuhaitz baten adar sendo bat zegoen. Azkeneko adarreraino jarraitzen genionean, aurre egin eta zabuka hasten zen Hagin Mailatu. Horrek aurrera jarraitzea eragozten zigun, jakina; baino beste helburu bat ere bazuen. Egin behar zuen jauziari bizkarra emanez egiten zuen zabuka. Eta harrapatzera gindoazenen unean, askatu egiten zuen. Zabuka egiten zuen adarra jauzi-ohol bat bezala erabiltzen zuen. Erortzean urruti jaurtitzen zuen atzeraka. Eroriz zihoala, alboka okertzen zen airean, heldu behar zion adarraren aurrez aurre geratzeko. Adarra okertu egiten zen, kolpeagatik, eta inoiz pitzatze-hots beldurgarri bat ere entzuten zen; baina inoiz ez zitzaion zartatu, eta beti ikusten genuen berriro hosto artean Hagin Mailaturen aurpegia garaipenezko irribarrea eginez. Niri tokatu zitzaidan atxilo egotea Hagin Mailatu saiatu zen azkeneko hartan. Adarraren puntaraino igo zen, eta zabuka hasi; gerturatzen ari nintzaion; horretan Belarri Makurren alarma oihu ito bat entzun zen. Behera begiratu eta adar nagusia zuhaitzaren enborretik bereizten zen lekuan ikusi nuen, enborraren kontra estutzen. Neu ere adar lodiaren kontra estutu nintzen, instintuz. Hagin Mailatuk kulunkatzeari utzi zion, baina adarra ez zen gelditu, eta haren gorputzak gora eta behera jarraitu zuen, hosto-ikararen erdian. Abar ihar baten zarta-hotsa entzunda, behera begiratu, eta Suaren lehenengo Gizona ikusi nuen. Isil-gordeka zebilen lurrean, zuhaitzari begira. Animalia basatiren bat izango zela pentsatu nuen hasieran, gerri inguruan eta bizkarrean hartz-larru puska bat baitzuen. Ondoren haren eskuak eta oinak ikusi nituen, eta hazpegiak argiago. Neure motakoen antz handia zuen, salbu eta gu bezain iletsua ez zela eta oinak guk bezain eskuen antzekoak ez zituela. Izan ere, geroago ikusi ahal izan nuenez hura eta haren kideak gu baino ile gutxiagokoak ziren, gu Zuhaitzetako Gizonak baino ile gutxiagokoak ginen bezalaxe. Segituan ohartu nintzen, hura ikusi nuenean. Hura zen kearen misterioak adierazten zuen ipar-ekialdeko izumena. Harrituta nengoen, hala ere. Ez zen izutzeko ezer. Begi Gori bera, edo gure gizonik indartsuenetako edozein nahikoa eta gehiago zen harentzat. Zaharra zen, gainera, urteek zimurtua, eta aurpegiko ilea zuriturik zeukan. Hanka bat herren eta gaizki zeukan, gainera. Zalantzarik ez zen ihes egin ahal izango geniola, eta bizkorrago igoko ginela. Ezingo gintuen harrapatu. Nik inoiz ikusi gabeko gauza bat zerabilen, ordea, eskuan: arkua eta gezia. Baina garai hartan ez batak ez besteak ez zuten ezer esan nahi niretzat. Nola ulertuko nuen bada heriotza zur puska okertu hartatik geneukala zelatan? Baina Belarri Makurrek bai, hark bazekien. Hark lehendik ikusiak zituen nonbait Suaren Gizonak, eta bazekien haien berri. Suaren Gizona begira aritu zitzaion eta zuhaitza inguratu zuen. Belarri Makurrek ere enborra inguratu zuen, enborra bere eta Suaren Gizonaren artean utziz beti. Suaren Gizona beste aldera jiratu zen bat-batean. Belarri Makur ere, ustekabean harrapaturik, bizkor jiratu zen, baina ezin izan zuen ezkutatu Suaren Gizonak arkua tenkatu baino lehen. Neronek ikusi nuen gezia hegan, Belarri Makur huts egin, adar-beso bat ukitu eta lurrera erortzen. Pozez dantzan hasi nintzen, igota nengoen adarrean. Jolasa zen! Suaren Gizona Belarri Makurri gauzak jaurtika, gu ere elkarri gauzak jaurtitzen aritzen ginenean bezalaxe. Jolasak beste pixka batean iraun zuen oraindik; Belarri Makur, ordea, ez zen berriro agerira atera. Orduan Suaren Gizonak etsi eta utzi egin zuen. Ni aurrera makurtu eta adar etzanetik zarata ateratzen hasi nintzaion. Jolas egin nahi nuen. Gauza hartaz ni jotzen saia zedila nahi nuen. Begiratu zidan, baina ez zidan jaramonik egin; Hagin Mailaturi erreparatu zion, adar puntan baitzegoen oraindik nahi gabe zabu pixka bat egiten. Lehenengo gezia zerurantz atera zen. Hagin Mailatuk izu eta oinazezko oihu bat egin zuen. Geziak bete-betean jo zuen. Horrek beste itxura bat ematen zion gauzari. Bertatik joan zitzaidan jolasgura, eta adar atzean estutu nintzen berriro ikara batean. Beste gezi bat eta beste bat atera ziren hegan; ez zuten jo Hagin Mailatu; hosto artean ziztu egiten zuten; arku handi bat osatuosatu eta lurrera erortzen ziren berriro. Suaren Gizonak berriro tinkatu zuen arkua. Lekuz aldatu zen, urrats batzuk egin eta berriro aldatu zen. Arkuaren sokak dardara ozena egin zuen, gezia zuzen atera zen, eta Hagin Mailatu, ikaragarrizko alarau bat botaz, adarretik behera erori zen. Biraka erortzen ikusi nuen; beso eta hanka, besterik ez zirudien; gezi-kirtena bularretik ateratzen zitzaion, eta gorputzak egiten zuen itzuli bakoitzean agertzen eta desagertzen zen. Zuzen-zuzen erori zen, garrasika, hirurogeita hamar oineko goieratik; zartada-hots sor batez jo zuen lurra, botetxo bat egin zuen eta lurrean geratu zen. Artean bizirik zegoen, mugitzen eta bihurrikatzen ari zen-eta, oinez eta eskuez atzaparka. Oraindik gogoan dut Suaren Gizon hura, harri bat hartuta harengana lasterka joan eta buruan jotzen; eta gero... ez naiz gehiagoz gogoratzen. Haurra nintzenean, oihuka eta izuturik esnatzen nintzen, ametsean une horretara iristen nintzenean… eta sarritan ama edo inudea aurkitzen nuen, antsiaz eta larri, ohe ondoan, eskuaz ilea laztanduz eta esanez han zeudela eta ez nuela zertaz beldurturik. Hurrengo ametsa, izaten ditudan segidan, Belarri Makur eta biok oihanean zehar ihes egin genuenekoarekin hasten da beti. Suaren Gizona, Hagin Mailatu eta tragedia izandako zuhaitzak desagertu dira. Belarri Makur eta biok zuhaitzez zuhaitz ihesi goaz, izuturik eta zuhur. Oinaze erregarri bat sentitzen dut eskuineko eskuan; Suaren Gizonaren gezi bat da, punta eta makila haragitik alde bietara agerian direla. Geziaren tirakadak eta presioak oinaze bizia eragin ez ezik, mugimendua eragozten dit, eta ez dit uzten Belarri Makurri jarraitzen. Azkenean gelditu egin nintzen, zuhaitz baten adarren babesean kuzkurturik. Belarri Makurrek aurrera jarraitu zuen. Negarrez deitu nion, gogoan dut oraindik, eta gelditu eta atzera begiratu zuen. Niregana itzuli zen, nire adarrera etorri eta gezia aztertzeko. Tiraka ateratzen saiatu zen, baina alde batetik punta bizardunak eutsi zion, eta bestetik isats lumadunak. Sekulako oinazea egiten zidan, gainera, eta geldiarazi egin nuen. Une batez hantxe geratu nintzen gordeta; Belarri Makur, urduri, alde egiteko irrikaz, batera eta bestera begira ari zen, beldurraren beldurrez; ni isilka negarrez eta intzirika. Belarri Makur beldurrak akabatzen zegoen, eta beldur guztiarekin ere nire ondoan geratzea gizakia abere guztietan ahaltsuena egiten lagundu duten altruismoaren eta adiskidetasunaren erakusgarritzat hartu nuen. Berriro saiatu zitzaidan gezia haragitatik ateratzen, baina haserretuta geldiarazi nuen. Orduan makurtu eta geziaren kirtena hortzikatzen hasi zen. Horretan ari zen bitartean, geziari tinko eusten zion bi eskuen artean, zauria ez zabaltzeko, bien bitartean ni bere kontra bermatzen nintzela. Sarritan gogoratzen dut eszena hori: gu biok, umemoko hutsak, gure taldearen haurtzaroan, bata bere izumena gainditzen eta ihes egiteko agintzen dion berekoikeriari nagusitzen, nire ondoan geratu eta laguntza emateko. Eta horretan agertzen zait une hartan zantzutan baizik ez zegoen guztia, eta ikusten ditut Damon eta Pitias, salbamenduko eskifaiak, Gurutze Gorriko erizainak, martiriak, irtenbiderik gabeko itxaropenen gidariak, aita Damian, Kristo bera, eta lur honetan izan diren eta beren kemenaren jatorrizko aztarrenak Hagin Mailatu, Belarri Makur eta Mundu Sortuberri hartako beste hainbat biztanle ezezagunen arteko lotura primitibo oies haietan dituzten gizon handi guztiak. Belarri Makurrek geziaren punta murtxikatuz kendu zuenean, aise atera zuen makila ere. Ihesari eman nion berriro; oraingoan, ordea, berak geldiarazi ninduen. Hankatik odola turrustan ari zitzaidan. Zain txikiren batzuk eten zitzaizkidan nonbait. Belarri Makur adar punta batera igo eta hosto berri eskutada bat hartu zuen. Txaplata bat egin zuen. Balio izan zuten, odola segituan gelditu zen-eta. Elkarrekin jarraitu genuen, haitzuloetako babesera itzultzeko. VIII. KAPITULUA Oso ongi gogoratzen naiz etxetik alde egin ondoko lehenengo neguaz. Amets luzeak izaten ditut hotzetan eserita ikara batean nagoela. Belarri Makur eta biok elkarren ondo-ondoan eserita, besoez eta hankez elkar estutuz, aurpegia hotzez urdinduta eta hortzak karraska. Hotza goizaldean izaten zen batez ere gogorra. Izotz-ordu haietan lo gutxi egiten genuen, eguna noiz argituko eta noiz berotuko zain, elkarrekin kuzkurturik, hozminduta eta oinazetan. Kanpora ateratzen ginenean, intzigarrak karraska egiten zuen oinen azpian. Goiz batean izotza aurkitu genuen edalekuko osineko ur geldien gainean, eta zurrumurru handi bat sortu zen gure artean hari buruz. Hezur Handi agure zaharra zen gure taldeko kiderik zaharrena, eta ordu arte inoiz ez zuen halako gauzarik ikusi. Oraindik ere gogoan dut nolako begirada kezkatsu, negartia zuen, izotza aztertuz. (Beti etortzen zitzaigun begietara begirada negarti hori zerbait ulertzen ez genuenean edo adierazi ezinezko desira lausoren baten ziztada sentitzen genuenean). Begi Gorik ere triste eta negarti zirudien izotza aztertzean, eta ipar-ekialderantz begiratzen zuen ibaiaz gaindi, Suaren Gizonen eta azken gertaera horren artean loturaren bat ikusiko balu bezala. Baina, goiz hartan ezpada, beste inoiz ez genuen izotzik aurkitu, eta huraxe izan zen pairatu behar izan genuen negurik hotzena. Nik behintzat ez dut gogoan hartan bezalako hotzik egindako negurik. Askotan pentsatu izan dut, geroztik, izotz-geruza iparraldetik lur azalera zabaldu ahala etortzekoak ziren ezin konta ahalako negu hotzen aitzindaria zela hura. Baina guk ez genuen ikusi izotz-geruza hori. Belaunaldi asko joango ziren gure taldearen ondorengo belaunaldiak hegoalderago aldatu edo bertan geratu eta ingurunearen egoera aldatuara egokitu ziren arte. Bizitza halabeharra eta zoria besterik ez zen guretzat. Plan gutxi egiten genuen, eta bete gutxiago. Gose ginenean, jan; egarri ginenean, edan; gure etsai haragijaleei ihes egin, gauerako haitzuloetan babestu, eta gainerakoan jolas egin, hori egiten genuen. Jakin-min bizikoak ginen, olgatzen errazak, broma eta bihurrikeria ugarikoak. Seriotasunik batere ez genuen, arriskuan edo haserre ginenean salbu; horrelakoetan, ordea, mehatxua igaro orduko, berehalaxe ahazten zen dena. Logikarik gabeak, aldakorrak, aldartetsuak ginen. Ez genuen ganorarik gure erabakietarako, eta horretantxe irabazten ziguten Suaren Gizonek. Guk hain eskas genuena, haiek soberan zutelako. Zenbait gauzatan, alabaina, emozio-bizitzan batez ere, baginen gai luzaro erabilitako asmoak burutzeko. Lehen aipatu ditudan bikote monogamikoen kasua ohitura baten ondoriotzat interpreta liteke, beharbada; baina ezingo da berdin interpretatu Zalurekiko izan nuen grina, eta are gutxiago Begi Goriren eta bion artean beti izan zen gorroto ezkutua. Baina gure aldaberatasunak eta ergelkeriak sumintzen naute gehiena, begiak urruneko bizitza hartara bihurtzen ditudanean. Behin kalabaza puskatu bat topatu nuen; zuloa gora begira zeukan, osorik zuen aldea beheraka, eta euritako urez beteta zegoen. Ur gozoa zen, eta edan egin nuen. Kalabaza errekara eraman eta urez bete ere egin nuen; puska bat edan eta gainerakoa Belarri Makurri gainetik isuri nion. Eta ondoren bota egin nuen kalabaza. Ez zitzaidan buruan sartu kalabaza hura urez bete eta haitzulora eramaterik. Nahiz eta gauez askotan egarria izan, tipulak eta berroak jan ondoren batez ere, inori ez zitzaion burutik pasatzen gauean edatera haitzulotik kanpora ateratzerik. Beste batean beste kalabaza lehor bat aurkitu nuen; barnean haziek hotsa ateratzen zuten. Aldi batez asko jostatu nintzen; baina jostatzeko gauza bat zen, besterik ez. Handik berehalaxe hasi ginen gure taldean kalabazak ura edukitzeko ontzi bezala erabiltzen. Asmatzailea ez nintzen ni izan; Hezur Handi agure zaharrari dagokio ohore hori, eta argitu beharra dago bere adin handiaren premiak izan zirela berrikuntza hori eragin ziotenak. Hala bada, Hezur Handi izan zen gure taldean kalabazak lehenengo erabili zituena. Era horretara haitzuloan edukitzen zuen edateko ur-hornizioa; izan, bere seme Bizar Motzena zen haitzuloa, eta aitari zoko bat uzten zion. Guk sarritan ikusten genuen Hezur Handi edalekuan bere kalabaza urez bete eta gero kontu handiz haitzulora eramaten. Imitazioa oso errotuta zegoen gure taldean; eta horrela, lehendabizi batek, gero beste batek eta ondoren besteak, antzera egin genuen denek, era horretara ur-hornizioa egiteko ohitura zabaldu zen arte. Batzuetan Hezur Handi agure zaharrak gaixoaldiak izaten zituen eta ezin izaten zuen haitzulotik irten. Halakoetan Bizar Motzek bete ohi zion kalabaza. Handik pixka batera Bizar Motzek bere seme Ezpain Luzeri utzi zion eginkizun hori. Gero, Hezur Handi sendatu ondoren ere, Ezpain Luzek jarraitu zion ura eramaten. Gerora, gizonezkoek ez zuten urik gehiago garraiatzen eta emakumeei eta haur hazitxoei eginarazten zieten lan hori. Belarri Makur eta biok geuron kontura genbiltzan. Geuretzako ura besterik ez genuen garraiatzen, eta askotan burla egiten genien gainerako mutikoei, jolasa utzi eta kalabazak betetzeko deitzen zietenean. Aurreramendua geldiro egiten zen. Jende larriak ere jolasean ematen zuen denbora gehiena, gaur egun haurrek ematen duten bezala; horretan irabazi egiten genien beste animalia guztiei. Ikasten genuen apurra ere jolasetik edo gure jakin-minetik eta interesetik sortua izaten zen. Hain zuzen ere, kalabazaren erabilera hori izan zen taldeak, haiekin bizi nintzen artean, egin zuen asmazio handi bakarra. Hasieran ura gordetzeko besterik ez genituen erabiltzen, Hezur Handi zaharrak bezala. Egun batean ordea, emakumeetako batek, zeinek ez dakit, kalabaza bat masustaz bete eta haitzulora eraman zuen. Handik gutxira emakume guztiek erabiltzen zituzten kalabaza hustuak, fruituak, intxaurrak eta sustraiak garraiatzeko. Behin ideia abiaturik, aurrera egin behar zuen. Garraiatzeko ontziaren beste eboluzio bat ere emakumeek eragin zuten. Batzuen kalabaza oso txikia zen nonbait, edo baten bati ahaztu egin zitzaion beharbada; nolanahi dela ere, bi hosto handi lotu zituen, ertzak ihiz elkarri josita, eta gure kalabazarik handienean sar zitekeena baino fruitu gehiago ekarri zuen. Horretaraino iritsi ginen, ez gehiago, hornizio-garraioari dagokionez, ni taldean bizi izan nintzen artean. Inori ez zitzaion bururatu zumez saski bat egiterik. Batzuetan haitzuloetan etzauntzak egiteko ekartzen zituzten garo edo abar sortak zotz malgu batzuez edo aihenaz lotzen zituzten gizonek eta emakumeek. Handik hamar edo hogei belaunaldira asmatuko genuen, beharbada saskigintzako artea. Baina gauza bat da segurua: zumez saskiak egiten hasi baginen, hurrengo pausoa oihala ehuntzekoa izango zen zalantzarik gabe. Horren ondoren jantzia, eta gure biluztasuna estaltzean, lotsa sortuko zen. Halaxe izan zen Mundu Sortuberri hartan bultzada berri bat. Baina guk ez genuen bultzada hori. Hasten ari ginen, eta belaunaldi bakarrean ezin ginen oso aurrera iritsi. Ez genuen armarik, ez surik, eta hizkuntzaren hasi-masietan geunden. Idazkeraren asmazioa hain urruti zegoen artean, non pentsatzeak berak ere izua eragiten baitit. Behin, ia asmazio handi bat egin nuen. Garai hartan aurreramenduak zein ustekabekoak ziren erakusteko, esango dizuet Belarri Makurren tripazalekeriagatik izan ez balitz, txakurra etxekotzea asmatu izango nukeela. Ipar-ekialdean bizi ziren Suaren Gizonek ez zuten gainera oraindik horrelakorik lortu. Ez zeukaten txakurrik; neure begiez ikusita dakit hori. Konta dezadan, baina, nola geldiarazi zuen Belarri Makurren tripazalekeriak, belaunaldi askotarako geldiarazi ere beharbada, gure gizartearen aurreramendua. Gure haitzuloetatik mendebalera, nahiko urruti, istingadi handiak zeuden, eta hegoaldera harkaitz-menditxo lerro apal bat hedatzen zen. Inor gutxi ibiltzen zen alde hartan, bi arrazoirengatik. Batetik, guk jaten genuen erako janaririk ez zegoelako; eta, bigarrenik, harkaitz haiek piztia haragijaleen zuloz bete-beterik zeudelako. Egun batez, ordea, Belarri Makur eta biok menditxo haietan galdu ginen. Ez ginatekeen galduko tigre bati segika ez bagenbiltza. Ez barre egin, mesedez. Ezpata Hagin zaharra zen. Ez genuen arriskurik. Basoan topatu genuen, goizean goiz, eta goreneko adarretako babesetik gure gorrotoa eta aiherkundea oihuz adierazten genion. Eta adarrik adar, zuhaitzik zuhaitz jarraitu genion goialdetik, infernuzko zarata batean eta basoko biztanle guztiei Ezpata Hagin tigre zaharra han zela jakinaraziz. Horrekin erabat uxatzen genion ehiza. Sekulako amorrua harrapatu zuen. Orroka ekiten zigun, isatsa astintzen zuen, aldian-aldian gelditu eta puska batean begira geratzen zitzaigun, guri atzaparra nola erantsi pentsatzen ariko balitz bezala. Baina guk barre eginez, adar-puntak eta abarrak jaurtiz erasotzen genion. Tigreari erasotzeko hori jolas bat genuen gure taldean. Zenbaitetan taldearen erdia aritzen zen egun bete-betean oihanean zehar menturatu zen lehoiren edo tigreren bati zuhaitz gainetatik segika. Horixe zen gure mendekua; zeren gutako bat baino gehiago joan baitzen, ustekabean harrapatuta, tigrearen edo lehoiaren sabelera. Eta ezintasun eta lotsazko erakustaldi horien bidez erakutsi genien beharbada ehizako piztiei gure lurraldetik kanpo egoten ere. Eta jostagarria izaten zen. Jolas ederra. Horrelaxe jarraitu genion Belarri Makurrek eta biok Ezpata Hagini legoa batez baino gehiagoz oihanean barrena. Azkenean isatsa hanka artean sartuta alde egin zuen gure burletatik, txakur egurtu bat bailitzan. Ahalegin guztiak egin genituen ihes egin ez ziezagun, baina oihanaren ertzera iritsi ginenean, urrutiko puntutxo bat besterik ez zen. Ez dakit zerk bultzatu gintuen, jakin-mina ez bazen; baina gauza da une batez han jolasean aritu ondoren, lur soiletik aurrera menturatu ginela Belarri Makur eta biok, harkaitz-muinoen ertzerantz. Ez ginen urruti joan. Seguru asko behin ere ez ginen ehun yarda baino gehiago urrundu zuhaitzetatik. Haitz zorrotz samar baten ertzetik igarotzean (oso kontuz genbiltzan, ez genekielako zer topatu behar genuen), aurrez aurre non topatzen ditugun hiru txakurkume eguzkitan jolasean. Ez gintuzten ikusi, eta puska batean begira egon gintzaizkien. Basatxakurrak ziren. Harkaitz-horman zabaletara zegoen zirrikitu bat: amak utzi zituen habia, zalantzarik gabe, esana bete izan balute egon behar zuten lekua. Baina Belarri Makur eta neroni haraino menturatzera bultzatu gintuen bizipoz berberak atera izango zituen txakurkume haiek beren habiatik jolasera. Badakit nola zigortuko zituzkeen amak gaiztakeria hartan harrapatu izan balitu. Belarri Makurrek eta nik harrapatu genituen, ordea. Belarri Makurrek begiratu zidan, eta biok batera oldartu ginen. Ez zekiten nora ihes egin, habiara ez bazen; baina aurrea hartu genien. Haietako bat nire hanka artera sartu zen korrika, baina makurtu eta harrapatu egin nuen. Hagintxo zorrotzak besoan iltzatu zizkidan; bat-bateko oinazearen ustekabeak askarazi zidan. Ikusi orduko habian barrena ezkutatua zen. Belarri Makur bigarren kumearekin borrokan ari zen, amorruzko keinu bat egin zidan eta mila modutan adierazi zidan zein ergela eta ezertarako ezgauza nintzen. Lotsa eragin zidan eta ausartzera bultzatu ninduen. Beste txakurkumeari isatsetik heldu nion. Hark ere hozka egin zidan behin, eta lepa-zamarretik heldu nion. Belarri Makur eta biok eseri egin ginen; txakurkumeak airean jaso genituen; haiei begiratu eta barre egiten genuen. Uluka, zaunka eta negarrez ari ziren. Belarri Makur ikaratu egin zen bat-batean. Zerbait entzun zuela iruditu zitzaion. Beldurturik begiratu genion elkarri, eta gure egoeraren arriskuaz ohartu ginen. Bere umeak ukitzeak deabru amorratua bihurtzen du edozein animalia. Eta iskanbila hura guztia ateratzen zuten ume haiek basazakurrenak ziren. Ederki ezagutzen genituen guk, basazakur haiek; taldeka ibiltzen ziren; animalia belarjaleen izua ziren. Ikusiak genituen behi eta bisonte saldoei segika, jaioberriak, zaharrak eta gaixoak botatzen. Geuri ere behin baino gehiagotan ibili zitzaizkigun segika. Nik behin ikusia nuen gure taldeko emakume bat nola bota eta harrapatu zuten zuhaitzetako babesera iristear zegoenean. Korrikaldiak nekatu izan ez balu adarretara igotzeko gauza izango zen. Saiatu zen, baina irrist egin eta lurrera jausi zen. Segituan akabatu zuten. Unetxo batez begiratu genion elkarri. Gure harrapakinei ondo heldurik, basorantz jo genuen lasterka. Zuhaitz garai baten segurtasunean, txakurkumeak jaso eta barre egin genuen berriro. Ikusten duzue zein erraz hasten ginen barrez, edozer gertatuta ere. Eta orduan hasi zen inoiz hasi dudan zereginik zailenetako bat. Txakurkumeak haitzulora garraiatzen hasi ginen. Zuhaitzetara igotzeko eskuak erabili ordez, preso geneuzkanei eusteko erabili behar genituen, ihes egin nahi ziguten-eta. Lurrean oinez joaten saiatu ginen, baina azpitik segika ari zitzaigun hiena zital batek zuhaitzetara igotzera behartu gintuen. Hiena bizkorra zen hura. Belarri Makurri ideia bat bururatu zitzaion. Hosto pilak, etzauntza egiteko lotuta nola eramaten genituen gogoratu zuen. Aihena-adar sendo samar batzuk hautsi, bere txakurkumeari hankak lotu, beste adar batez, lepo-bueltan jarri eta bizkarrean zintzilikatu zuen. Horrek hankak eta eskuak libre utzi zizkion, igotzeko. Pozik zegoen, eta ez zidan itxaron nire txakurkumeari hankak lotu arte, eta abiatu egin zen. Bazegoen eragozpen bat hala ere. Txakurkumea ez zegoen geldi Belarri Makurren bizkarrean. Alde batera mugitu zitzaion, gero aurrera. Hortzak ez zeuzkan lotuta eta hozkada bat eman zion Belarri Makurri babestu gabe zeukan sabelean. Garrasi bat egin zuen hark, ia erori zen, eta bi eskuez adar sendo bati heldu beharra izan zuen, salbatuko bazen. Lepoko aihena eten egin zen, eta txakurkumea, artean hankak lotuta zituela, lurrera erori zen. Hienak jan zuen. Belarri Makur haserretuta eta amorratuta zegoen. Hienari irainka aritu, eta gero zuhaitz artean barrena joan zen bakar-bakarrik. Nik ez neukan nire txakurkumea haitzulora zertan eramanik; baina eraman egin nahi nuen eta asmoa betetzeko geratu nintzen. Eta Belarri Makurren ideia berbera landuz asko erraztu nuen lana. Hankak lotu ez ezik, ahoan adar bat trabes sartu, eta gogor lotu nion. Azkenean txakurkumea haitzulora eraman nuen. Iruditzen zait gure taldekoak ohi ginena baino setatsuagoa izan nintzela, bestela ez bainuen lortuko. Animalia hura haitzuloan sartzeko arrastaka nekarrela ikusi zutenean, barre egiten zidaten, baina ez zitzaidan inporta. Arrakasta lortu nuen, eta han zegoen nire txakurkumea. Gure taldeko beste inork ez zeukan hura bezalako jostailurik. Bizkor ikasi zuen. Jolasean hozka egiten zidan bakoitzean, belarritik tira egiten nion, eta puska batean ez zuen berriro hozka egiten. Liluratuta nengoen harekin. Gauza berria zen, eta taldekoak oso zaleak ginen gauza berri guztietarako. Fruituak eta landareak ez zituela nahi ikusi nuenean, txoriak, katagorriak eta untxitxoak ehizatu nituen beretzat. Gu landarejaleak bezain haragijaleak ginen, eta gustura aritzen ginen piztia txikien ehizan. Txakurkumeak haragia jaten zuen, eta hazten ari zen. Astebete baino gehiagoan eduki nuen, nik uste. Egun batean txita-aldi bateko faisai jaioberri habikada bat nekarkiola, Belarri Makurrek txakurkumea hil eta orduantxe jatera zihoala ikusi nuen. Gainera jauzi egin –haitzuloa estua zen– eta atzamarka eta hozka eraso genion elkarri. Eta hantxe, borroka batez, bukatu zen zakurra hezteko lehenengo ahaleginetako bat. Eskutadaka ile atera genion elkarri, atzaparka, hozka egin genion, elkarri begiak ateratzen ahalegindu ginen. Lehenengo haserretu, eta gero bakea egin genuen. Eta gero txakurkumea jan genuen. Gordinik? Bai. Sua asmatu gabe geneukan oraindik. Piztiak jateko prestatzeko eboluzioa etorkizunaren pergamino ongi lotuan zetzan oraindik. IX. KAPITULUA Begi Gori atabismo bat zen. Begi Gori zen gure taldean egokitzen ez zen elementu nagusia. Gutako beste edozein baino primitiboagoa zen. Izatez ez zen gutakoa; baina geu ere hain primitiboak ginen oraindik, non ez baikinen gauza guztion ahalegin bateratu batez hura hiltzeko edo gure artetik kanpora egozteko. Gure antolamendu soziala zen bezain oiesa izanik ere, Begi Gori zakarregia zen hartan bizitzeko. Bere jokaera antisozialen bidez, taldea desegiteko joera izaten zuen beti. Izan ere, tipo primitiboago baterako atzeramendua zenez, Zuhaitzetako Gizonen artean hobeto zegokeen haren lekua, gure artean baino, gu gizaki bilakatzeko bidean baikeunden. Ankerkeriazko munstro bat zen, eta asko esatea da hori garai haietarako. Tratu txarra ematen zien bere emazteei; emazteak, hain zuzen, ez aldi berean asko edukitzen zituelako, askotan ezkondu zelako baizik. Harekin ezin zuen bizi inongo emakumek, baina beharturik bizi ziren. Ez zegoen hari ukatuko zitzaionik. Hari aurre egiteko indarra zuen gizonik ez zegoen. Askotan izaten ditut gure taldearen ilunabar aurreko ordu bare horretako ikuspenak. Edalekuetatik azenario-sailetaraino, haitzuloen aurreko zabaldian elkarturik. Gehiago luzatzen ez ziren ausartzen, zeren bazetorren iluna eta ordu horretan piztia haragijaleen ankerkeriarako zabaltzen zen mundua, gizakien asaba haiek beren zuloetan dardaraz ezkutatzen ziren bitartean. Minutu batzuk baditugu oraindik gure haitzuloetara igo aurretik. Egunean zehar egindako jolasak nekaturik gaude, eta gure oihuak moteldu egiten ditugu. Kumeek ere, oraindik ere bromak eta bihurrikeriak egin nahiko lituzketen arren, kontuz egiten dute jolas. Itsasotik datorren eguratsa gelditu da, eta itzaltzen ari den eguzkiaren azken hondarrarekin iluna hedatzen da. Eta orduantxe, bat-batean, negar oihu bat eta kolpe-hotsa iristen da Begi Goriren haitzulotik. Emaztea jotzen ari da. Hasieran beldurrezko isiltasun batek biltzen gaitu. Baina kolpeak eta garrasiak gelditzen ez direnez, ezintasunezko ardaila bat hasten da gure artean. Garbi dago gizonek gaizki hartzen dituztela Begi Goriren jokamolde haiek, baina koldartuegi daude. Kolpeak gelditzen dira, eta poliki-poliki isiltzen da zotin itoa, guk gure erausian jarraitzen dugu, eta iluntasun triste bat hedatzen da gure gain. Guk, nahiz eta ia gauza guztiak txantxatzat hartu, Begi Gorik emazteak jotzen zituenean ez genuen barrerik egiten. Bagenekien zer zen haien tragedia. Behin baino gehiagotan aurkitu genuen goizean labarraren oinean haren azkeneko emaztearen gorpua. Hil eta gero haitzuloaren sarreratik haraxe botata. Bere hildakoei inoiz ez zien lur ematen. Taldeari uzten zion gorpua, bestela gure bizilekua kutsatuko zukeena, handik kentzeko lana. Guk errekara bota ohi genituen, azkeneko edalekua baino urrutiago. Baina Begi Gorik ez zituen bere emazteak bakarrik hiltzen, emazteak beretzeko ere hiltzen zuen. Beste emazte bat nahi eta beste gizon batena aukeratzen zuenean, hil egiten zuen hura. Neuk ikusi nituen hilketa horietako bi. Gure talde osoak zekien, baina ezin zuen ezer egin. Oraindik gobernu-sistemarik garatu gabe geneukan, nolabait esateko, taldearen barruan. Ohitura batzuk genituen, eta ohitura horiek hausten zituztenek gure haserrea ezagutzen zuten. Horrela, adibidez, edalekuak zikintzen zituenari, ikusten zuen edonork eraso ziezaiokeen, eta norbaitek gezurrezko alarma oihua nahita jotzen baldin bazuen, jipoi ederra hartuko zuen gure aldetik. Begi Gorik, ordea, hankapean erabiltzen zituen ohitura guztiak, eta hainbesterainoko beldurra genion, non ez baikinen gauza hura zigortzeko ekintza kolektibo bat antolatzeko. Haitzuloan generaman seigarren negualdian ohartu ginen Belarri Makur eta ni hazi egin ginela. Hasieran estutu egin behar izaten genuen sarrerako arrakalatik sartzeko. Horrek bazituen bere alde onak, nolanahi ere. Nagusiei gure haitzuloa berentzat hartzea eragozten zien. Huraxe baitzen haitzulorik gutiziagarriena ere, labarretan gorenena, seguruena eta neguan txikiena eta epelena. Gure taldekoen adimenaren garapen maila zein zen ikus dezazuen, aski da esatea oso gauza erraza izango zela haietako batzuentzat gu handik bota eta gero sarrerako arrakala zertxobait zabaltzea. Baina ez zitzaien bururatzen. Ez Belarri Makurri ez niri ez zitzaigun bururatu horrelakorik, tamainaz handitu eta sarrera zabaltzera behartu ginen arte. Uda aurrera zihoala eta gu ondo janda lodituta geundenean gertatu zen hori. Aldika eta gogoak ematen zigunean lan egiten genuen. Hasieran atzamarka harrotu genituen harri askatuak, azkazalak mintzeraino, harik eta, ustekabean, arbela harrotzeko egur puska bat erabiltzea bururatu zitzaidan arte. Hasieran funtzionatu zuen. Baina hondamendia ekarri zigun. Goiz batean, puska pilatxo bat geneukan hormatik kanpora aterata. Begiratu gabe, bultzada bat eman nion sarrerako pilari. Hurrengo gauza amorruzko garrasi bat entzun genuen behetik. Ez zegoen begiratu beharrik. Nahi baino hobeto ezagutzen genuen ahots hura. Begi Goriren gainera erori zen zaborra. Haitzulo barrenean kuzkurtu ginen, atsekabez. Minuturako haitzulo-sarreran genuen, bere begi gorituez barrura begira, deabrua bezala suturik. Baina handiegia izan. Ezin zuen gureganaino sartu. Horretan, alde egin zuen. Susmagarria zen. Gure kideak ezagutzen genituenagatik, geratu egin behar zuen, amorrua ateratzeko. Sarrerara herrestatu eta begiratu egin nuen. Orduantxe ikusi nuen Begi Gori berriro malkarrean gora. Makila luze bat zekarren esku batean. Zer asmo zekarren asmatu genuenerako haitzulo sarreran genuen berriro, makila harekin basati baten moduan jo nahiz. Sekulako kolpeak jotzen zituen. Erraiak aterako zizkigukeen, harrapatu izan bagintu. Alboetako hormen kontra estutu ginen, han haren irismenetik ia kanpo baikeunden. Baina zirika eta zirika, behin edo beste jotzen gintuen, amorruz, eta ile eta azal puskak eramaten zizkigun makila-puntaz. Oinazez garrasi egiten genuen bakoitzeko poz-orro bat egiten zuen eta gogorrago ekiten zigun. Ni amorratzen hasi nintzen. Garai hartan oldarkorra nintzen, eta nire ausardia handitxoa, oraingo honetan sagu inguratuaren ausardia areago bazen ere. Makilari eskuaz heldu nion; baina halako indarra zuen, non arrakalara jaurti baininduen. Bere beso luzeaz harrapatu ninduen eta erpeaz haragia urratu zidan, jauzi batez atzera egin eta alboko paretaren nolabaiteko babesera nindoanean. Berriro ziztaka ekin zigun, eta izugarrizko kolpea eman zidan ezkerreko bizkarrean. Belarri Makurrek, beldur-ikaraz egon eta jotzen zuenean garrasi egin, ez zuen beste ezer egiten. Neuk ere zizta egiteko makila bat bilatu nuen, baina adaska bat besterik ez nuen aurkitu, hatz bat lodi eta oin bete luzea. Begi Goriri jaurti nion. Ez nion minik egin, baina are amorru gehiagoz orro egin zuen bat-batean, erantzun niolako. Amorru bizitan hasi zen zirika. Harri puska bat hartu eta bota egin nion; bete-betean jo nuen bularrean. Horrek adorea eman zidan; bera bezain amorraturik nengoen, gainera, eta beldur guztia joan zitzaidan. Hormatik beste harri puska bat erauzi nuen. Bi edo hiru libra izango zen. Indar guztiaz jaurti eta aurpegi bete-betean jo zuen Begi Gori. Ia akabatu nuen bertan. Atzeraka balantzatu zen, makila lagata, eta ia erori zen malkarretik behera. Itxura beldurgarria zuen, aurpegia odolez estalita, orroka eta hortzak basurdearen gisan karraskatuz. Begietatik odola garbitu zuen, begirada izugarri bat bota zidan eta amorruz sutan orro egin zuen. Makila galdua zuen; eta harriak erauzi eta harrika hasi zitzaidan. Horrela munizioz hornitzen ninduen. Berak jaurti ahala jaurtitzen nion nik, hobeto gainera, apara bikaina eskaintzen zidan-eta; berak, berriz, ikusi ere ozta-ozta ikusten ninduen, pareta kontra estutzen nintzelako. Horretan bat-batean desagertu zen berriro. Haitzulo ertzetik jaisten ari zela ikusi nuen. Talde osoa bildurik zegoen, eta isilik eta beldurrez begiratzen zigun. Jaisten ari zela ikusita, beldurtienak lasterka ezkutatu ziren beren haitzuloetan. Oraindik ere ikusten ari naiz Hezur Handi zaharra, ahal zuen bizkorrena, balantzaka. Begi Gorik malkarretik jauzi egin eta hegaldi batean egin zituen azkeneko hogeita gehiago oinak. Ihesian malkarretik igotzen hastera zihoan ama gaixo baten ondoan lurreratu zen. Beldurrez negarretan hasi zen, eta bi urteko haurra, bularrari helduta zihoana, askatu eta Begi Goriren oinetara erori zen. Amak eta Begi Gorik, biek nahi izan zuten harrapatu, baina Begi Gorik harrapatu zuen. Hurrengo unean haurraren gorputza airean jiratu eta haitzaren kontra nola lehertzen zuen ikusi nuen. Ama lasterka joan, besoetan hartu eta garrasika makurtu zen. Begi Gorik makilaren bila jarraitu zuen. Hezur Handi agureak, ihesian balantzaka, Begi Gorirekin topo egin zuen. Begi Goriren eskutzarra luzatu, eta lepotik heldu zuen agure zaharra. Lepoa bihurritu behar ziola iruditu zitzaidan. Haren gorputza erori egin zen, patuari men eginez bezala. Begi Gorik zalantza egin zuen une batez, eta Hezur Handik, ikara batean, burua makurtu, besoak gurutzatu eta aurpegia estali zuen. Begi Gorik muturrez aurrera jaurti zuen lurraren kontra. Hezur Handik ez zuen zirkinik ere egin. Hantxe geratu zen, heriotzaren beldurrak, negarrez. Bizar Motz ikusi nuen orduan, zabaldian, etsimenez bere bularraren kontra ukabil kolpeka, baina aurrera ausartu ezinda. Eta orduan, bere izaeraren inkoherentziari jarraituz, nonbait, Begi Gorik, agure zaharra bertan behera utzi, eta makila jaso zuen. Berriro malkarrera itzuli eta igotzen hasi zen. Belarri Makur, nire ondoan baitzegoen begira, haitzulo barrenera abiatu zen laster batean, arrastaka. Garbi zegoen gu hiltzera zetorrela Begi Gori. Etsita eta amorraturik nengoen baina ez nuen beldurrik. Erlaitzetan alde batetik eta bestetik harri kozkor handiak bildu nituen haitzuloaren sarreran. Begi Gori ni baino metro batzuk beherago zegoen, haitz-mutur irten batek ezkutaturik. Gora zetorrenean, haren burua azaldu zen, harri handi bat bota nion. Ez zuen jo, baina haitzaren kontra jo eta hautsi egin zen; begietara hautsa erori zitzaion, eta atzera egin eta bistatik ezkutatu zen. Barreak eta algarak entzun ziren taldean, ikuslearen papera egiten ari baitzen. Bazen, azkenik, Begi Goriri aurre egitera ausartzen zitzaion bat. Haien gorak eta txaloak airean entzunda, Begi Gori orro eginez jiratu zitzaien, eta bertatik mututu ziren guztiak. Bere boterearen agiriko froga hark harroturik, burua agerira atera zuen, eta bere begirakuneen, keinuen, hortz karraskaren bidez, ikaratu egin nahi izan ninduen. Keinu ikaragarriak egiten zituen, buru gaineko azala bekainetaraino zimurtuz, kopetatik kaskagainerainoko ile guztia laztuz, arantzazko koroa bat balu bezala tenteturik. Haren itxurak ikara eragin zidan, baina nire izumena gainditu, eta harri bat hartu eta mehatxu egin nion berriro. Aurrera egiten saiatu zen; harria jaurti nion, baina huts egin nuen. Hurrengoan bete-betean eman nion. Lepoan jo zuen harriak. Atzera egin zuen, bistatik ezkutatuz, baina ezkutatzen ari zela esku batez haitz irten bati heltzen ziola eta bestea eztarrira zeramala ikusi nuen. Makila zarata batean joan zitzaion beheraino. Ez nuen Begi Gori ikusten, baina arnasa ezin hartuta, itoka eta eztulka entzun nuen. Taldea heriotza bezain isilik zegoen. Zain geratu nintzen, haitzulo sarreran makurtuta. Itomena eta eztula isildu ziren, baina artean behin eta berriro entzuten zen nola ahalegintzen zen eztarria garbitzen. Handik pixka batera, jaisten hasi zen. Geldiro zihoan, uneoro gelditu eta lepoa luzatu edo eskuaz igurtziz. Jaisten ari zela ikusi zutenean basora ihes egin zuen talde osoak, izumenezko garrasi basatiak botaz. Hezur Handi agurea ere, balantzaka eta ikaraz, haien atzetik zihoan. Begi Gorik ez zien erreparatu iheslariei. Zabaldira iritsi zenean, malkar ertzetik jarraitu zuen eta bere haitzulora igo zen berriro. Behin ere ez zuen begiratu ingurura. Belarri Makurri begiratu nion, eta hark niri. Elkarri ulertu genion. Isil-isilik, eta kontu handiz, gailurrera igotzen hasi ginen. Malkarraren tontorrera iritsi ginenean, atzera begiratu genuen. Gure bizilekua huts-hutsik zegoen; Begi Gori bere haitzuloan zegoen, eta talde osoa basoan barrena desagertua zen. Biratu eta korrika alde egin genuen. Ordeka eta maldetatik zehar jo genuen, belar artean ezkutaturik egon zitezkeen sugeez arduratu gabe, basora iritsi ginen arte. Zuhaitzetara igo eta aurrera jarraitu genuen, beti aurrera, zuhaitzik zuhaitz hegan eginez, harik eta haitzuloetatik legoak eta legoak urrundu ginen arte. Eta orduan, ez lehenago, gelditu ginen adar handi batzuen segurtasunean, elkarri begiratu genion, eta barrez hasi ginen. Besoz eta hankaz elkarri heldu, begiak malkoz beterik eta alboak mintzeraino barre eta barre eta barre. X. KAPITULUA Nahikoa barre egin genuenean, egindako bidean atzera itzuli ginen Belarri Makur eta biok, eta ahabiak izaten ziren paduran bazkaldu genuen. Urte batzuk lehenago mundu honetan amarekin lehenengo ibiliak egin nituen paraje berberak ziren. Harrez gero oso bakanetan ikusi nuen berriro. Taldeari haitzuloetan bisita egiten zionetan, ni basoan ibiltzen nintzen normalean. Behin edo bitan Kalakari berriro ikusia nuen zabaldian, eta nire haitzuloaren sarreratik aieruak eginez haserrarazteko gozamena hartu izan nuen. Jolas horiez aparte, inoiz ez nintzen arduratu nire familiaz. Ez zitzaidan askorik axola, eta bestela ere ederki moldatzen nintzen neure gisara. Ase arte ahabiak jan eta, laguntzeko, bi habia bete arrautza ongi txitatu janda, Belarri Makur eta biok kontuz gindoazen basoan zehar ibairantz. Inguru hartan zen nire behinolako zuhaitzeko bizilekua, Kalakarik hartatik kanpora egotzi ninduena. Oraindik ere okupatuta zegoen. Familia handituta zegoen. Nire amari estu-estu helduta haurtxo bat zegoen. Neskatxo bat ere bazen, nahiko hazia, behereneko adarretako batetik kontu handiz guri begira. Nire arreba zen, inondik ere; edo arreba erdia, hobeto. Amak segituan ezagutu ninduen, baina uxatu egin ninduen, zuhaitzean gora igotzen hasi nintzenean. Belarri Makurrek, zuhurragoa baitzen ni baino, atzera jo zuen, eta ezin izan nion buruan sartu etor zedin. Geroago, ordea, arreba lurrera jaitsi, eta han eta inguruko zuhaitzetan ibili ginen arratsalde osoan, jauzika eta jolasean. Eta orduan hasi ziren arazoak. Arreba izanik ere, oso gaizki tratatzen ninduen, Kalakariren kera txar guztiak zituen-eta. Kolpetik niregana itzuli eta atzamarka egin zidan, ileetatik tira eta hortzak barreneraino iltzatu zizkidan besoan. Pazientzia joan egin zitzaidan. Ez nion min askorik egin, baina bere bizitzan hartu zuen jipoirik handiena eman nion, hori seguru. Haren garrasiak eta makakorroak! Kalakari, egun osoan kanpoan egon eta orduantxe zetorrena, zarata entzun eta liskarra zegoen lekura oldartu zen. Ama ere lasterka zetorren; baina Kalakari iritsi zen lehena. Belarri Makur eta ni ez ginen hura iritsi zain geratu. Ospa egin genuen, eta Kalakari atzetik, zuhaitzetan zehar. Jarraialdia bukatu, eta lasai asko barre egin ondoren, gaua zetorrela ohartu ginen. Gaua bazetorkigun, gaueko izu guztiekin, eta ezinezkoa zen haitzuloetaraino itzultzea. Begi Gori han zela, ezinezkoa zen. Besteetatik aparte zegoen zuhaitz batean babestu ginen, beraz, eta haren goreneneko adar batean igaro genuen gaua. Gau negargarria. Lehenengo orduetan euri jasa bat bota zuen, gero hotza, eta azkenik haize izoztu batek jotzen zuen. Blai eginda, dardarka, hortzak karraska, elkarren besoetan estutu ginen. Faltan ematen genuen geure gorputzaren beroaz hain bizkor epeltzen zen haitzulo lehorra. Hurrengo goizean egoera negargarrian geunden, baina hartua genuen erabakia. Ez genuen hura bezalako gaurik berriro igaroko. Gure gurasoen habiez gogoraturik, geurea egiteko lanari ekin genion. Habia oies baten egitura prestatu genuen, eta goreneko urkiletan estalkiaren euskarria jarri genituen. Eguzkia atera zen, eta haren epelarekin gaueko larritasunak ahazturik, bazkari bila abiatu ginen. Ondoren jolasean hasi ginen, garai hartan gure bizimodua zein burugabea zen ikus dezazuen. Hilabete bat behar izan genuen, aldika lan eginez, gure zuhaitzeko etxetxoa eraikitzeko, eta gero, osatu genuenean, ez genuen behin ere erabili. Baina aurreraegi noa nire historian. Gure haitzuloetatik alde egin ondorengo bigarren egunean, gosaldu ondoren, Belarri Makurrek ibairaino jarraitu zidan zuhaitzen artetik. Ahabien paduratik ibaiadar bat lotzen zitzaion lekuan topatu genuen ibaia. Ibai-aho hura oso zabala zen, eta urik ia ez zebilen. Ur hiletan, ibai-aho horretan, enbor-anabasa bat zegoen. Batzuk uholdeek gastatuak, beste batzuk uda luzeetan hondardietan geldirik egonak, lehorturik eta adarrik gabe. Oso agerian zeuden ur gainean; gora eta behera mugitu edo irauli egiten ziren, gainean pausatzen ginenean. Han-hemenka barreiaturik enborren artean ur tarteak zeuden, eta haietan arraintxoak, errekako ezkailuak hara eta hona. Belarri Makur eta biok arrantzale bihurtu ginen segituan. Enbor haien gainean etzanik, ezkailuak ingurura noiz etorriko, geldi-geldi egon eta esku kolpe arin batez harrapatzen genituen. Harrapatzen genituenak bertan jaten genituen, bizi-bizirik eta bustirik. Gatza falta zutenik ez ginen ohartzen. Handik aurrera ibai-aho hura izan genuen gure olgeta-lekurik estimatuena. Orduak ematen genituen egunero ezkailuak harrapatzen eta aintziretan jolasean; eta hantxe egin genituen gure lehenengo marinel-ikasketak. Belarri Makur etzanda zegoen enborra jitoan joan zen. Belarri Makur alboka zegoen, lotan. Haizetxo batek enborra geldiro ertzetik kanpora eraman zuen, eta, haren egoera larriaz ohartu nintzenerako, distantzia handiegia zen jauzi egiteko. Hasieran dibertigarria iruditu zitzaidan. Baina segurtasunik inoiz izaten ez genuen garai hartan izan ohi genuen izumen haietako bat sentitu nuenean, neure bakartasunak ikaratu ninduen. Segituan ohartu nintzen zein urruti zegoen Belarri Makur elementu ezezagun hartan, pauso batzuetara baizik ez bazegoen ere. Oihu handi bat egin nion, ohartarazteko. Izuturik esnatu zen; ohartu gabe enbor gainean pisua zakarki aldatu zuen. Enborra irauli, eta bera uretan hondoratu zuen. Beste hiru bider murgilarazi zuen uretan, enborraren gainera berriro igotzen saiatzen zenean. Azkenean lortu zuen eta gainera igo zen, beldurrak ikaran. Nik ezin nuen ezer egin; hark ere ez. Igeri egitea zer zen ez genekien: horrez gainera, urrutiegi geunden behe mailako bizimodutik, instintuz igerian egiteko, baina oraindik behar adina gizondu gabe igeri egitea arazo batetik irteteko bidea izan zitekeela ulertzeko. Hondardian hara eta hona nenbilen, ezin kontsolaturik, Belarri Makur aintziran nahi gabe egiten ari zen ibilietan harengana ahal nuen guztia hurbilduz; hura, negarrez eta garrasika; harritzekoa izan zen milia bateko inguruan piztia haragijaleren bat erakarri ez izana. Orduak joan ziren. Eguzkia gure buruen gainetik igo eta Mendebalderantz jaisten hasi zen. Haizetxoa gelditu zen, eta Belarri Makur enborraren gainean utzi zuen ur ertzetik ehunen bat metrora. Eta orduan, ez dakit nola, aurkikuntza handia egin zuen Belarri Makurrek. Eskuez arraunean egiten hasi zen. Hasieran oso geldiro eta noraezean egiten zuen aurrera. Ondoren bizkorxeago, eta neke handiz geroz eta gerturago hurbiltzen ari zen. Ez nuen ulertzen. Eseri eta begira geratu nintzen, bazterreraino iritsi zen arte. Berak gauza bat ikasi zuen; nik ez nuen horrelakorik egin. Arratsaldean geroxeago, nahita urrundu zen ur ertzetik bere enborraren gainean. Eta berekin batera joateko konbentzitu ninduen, eta neuk ere arraunean egiteko trikimailua ikasi nuen. Hurrengo egunetan aintziratik aterako gintuenik ez zegoen. Jolas berri hartan hain geunden murgildurik, non jatea ere ahaztu egin baitzitzaigun ia. Inguruko zuhaitz batean egiten genuen habia. Eta Begi Gori zenik ere ahaztuta geneukan. Beste enbor batzuk probatzen ari ginen denbora guztian, eta zenbat eta enborra txikiagoa izan, orduan eta bizkorrago ibiltzen zela ohartu ginen. Hala ikasi genuen, orobat, zenbat eta txikiago, orduan eta aiseago itzulikatzen zela, eta uretan murgilarazten gintuela. Gehiago ere ikasi genuen enbor txikiez. Behin, zein bere enborrean baina elkarren ondoan joanez egin genuen arraunean: Eta jolasean, ia nahi gabe, esku batez eta hanka batez bestearen enborrari heltzen bagenion, bi enborrak finko geratzen zirela eta ez zirela iraultzen ohartu ginen. Horrela, elkarren ondoan, kanpoko oina eta hanka libre geratzen zitzaizkigun, arraun gisa erabiltzeko. Azkeneko aurkikuntza horrek erakutsi zigun antolamendu horrekin enbor askoz ere txikiagoak erabil genitzakeela eta abiadura handiagoa hartzen genuela. Eta hor amaitu ziren gure aurkikuntzak. Katamaran primitiboena asmatu genuen, eta ez genuen horretaz ohartzeko adimendurik. Inoiz ez zitzaigun sartu buruan enborrak lotu zitezkeela aihena gogorrez edo sustrai-zuntzez. Aski genuen eskuez eta hankaz enborrak elkarren ondoan edukita. Marineltza horri hartu genion lehen entusiasmo hura joan eta gauean lotarako zuhaitzeko babesera itzultzen hasi ginen arte, ez genuen topatu Zalu. Gure zuhaitzetik gertuko haritz handi baten adarretatik ezkur berriak biltzen ikusi nuen lehenengo aldiz. Oso lotsatia zen. Hasieran geldi-geldi geratu zen; baina ikusi egin genuela ohartu zenean, lurrera jauzi egin eta itsumustuan ekin zion ihesari. Geroago ere ikusi genuen beste zenbaitetan, eta haren bila aritzen ginen gure zuhaitzetik ibai-ahorako joan-etorrietan. Eta orduan, egun batez, ez zigun ihes egin. Gu iritsi arte itxaro0n00 zigun, eta bakezko dei gozoak egin zizkigun. Baina ez zigun uzten askorik hurbiltzen. Hurbilegi geundela iruditzen zitzaionean, ihesiari ematen zion kolpetik, eta gero, distantzia segurutik, dei eztiak egiten zizkigun berriro. Zenbait egunez jarraitu zuen horrela. Denbora behar izan genuen harekin adiskidetzeko; baina iritsi zen azkenik eguna, eta zenbaitetan gure jolasetan elkartu ere elkartzen zitzaigun. Hasiera-hasieratik gustatu zitzaidan. Aparteko itxura atsegina zuen. Otzana eta gozoa zen; haren begiak inoiz ikusi nituen gozoenak ziren. Horretan ez zuen gure taldeko gainerako emakume eta nesken antzik, mari-gizon hutsak baitziren haiek. Inoiz ez zuen garrasirik edo oihurik egiten, eta bazirudien borroketatik ihes egiteko joera zuela, geratu eta borrokan hasteko baino areago. Bere izaera osoari eztitasuna zeriola zirudien, esan dudan bezala. Gorputzaren eta aurpegiaren itxurak eragiten zuen hori. Begiak taldeko gainerako guztiek baino handiagoak zituen, eta ez hain sartuak; eta betileak haiek baino luzeagoak eta berdinagoak. Sudurra ez zuen haiek bezain lodia eta zapala. Zubia ere bazuen, eta sudurzuloak beheraka zabalduak. Letaginak ez zituen handiak eta goiko ezpaina ere ez luzea eta zintzilikatua, ezta behekoa aurrera irtena ere. Ez zen oso iletsua, besoetan eta izterretan eta bizkarrean izan ezik, eta nahiz eta bernak meheak eduki, hankek ez ziruditen bihurrituak eta gogorrunetsuak. Askotan pentsatu izan dut harengan, hogeigarren mende honetatik ametsen bidez harenganaino itzuliz, eta beti iruditu zait bazitekeela Suaren Gizonen artekoa izatea. Baliteke haren gurasoak goragoko mailako jatorri hartakoak izatea. Gauza horiek oso ohikoak ez baziren ere, gertatzen ziren halakoak, eta neure begiez ikusi izan dut horren froga, taldeko batzuek taldea arbuiatu eta Zuhaitzetako gizonen artean bizitzera joan zirenean. Horrek guztiak, ordea, ez dio axola honako. Zalu taldeko beste emakume guztiak ez bezalakoa zen, eta hasieratik bertatik gustatu zitzaidan. Haren eztitasunak eta haren adeitasunak erakartzen ninduten. Inoiz ez zen haserretzen, inoiz ez zuen borrokarik egiten. Alde egiten zuen beti, eta horrexegatik eman nion izen hori. Zuhaitzetara igotzen Belarri Makur eta ni baino trebeagoa zen. Harrapaketan jolas egiten genuenean, ezin izaten genuen harrapatu, ustekabean ez bazen; berak berriz, nahi zuen guztietan harrapatzen gintuen. Bereziki bizkorra zen mugimendu guztietan eta berebiziko erraztasuna zuen distantziak kalkulatzeko, eta ausardia baizik ez zuen hori baino handiagoa. Gainerako guztietan lotsatiegia zen, baina oihaneko zuhaitzetan gora igo eta korrika hasten zenean beldurrik ez zuen; Belarri Makur eta ni baldarrak, oiesak eta koldarrak ginen, haren aldean. Umezurtza zen. Inoiz ez genuen beste inorekin ikusi, eta ezin esan zenbat denbora bizi izan zen munduan bakarrik. Bere haurtzaroan, babesik gabe, bizkor ikasi behar izan zuen, nonbait, ihesian zegoela salbamendua. Zentzuduna eta oso zuhurra zen. Belarri Makur eta biontzat jolas moduko bat bilakatu zen non bizi zen aurkitzea. Zuhaitzen artean ezkutalekuren bat bazuen, inondik ere, eta ez urruti; baina haren aztarrenak segitzen ahaleginak eginagatik, ez genuen aurkitu. Egunez gustura aritzen zen gurekin jolasean, baina kontu handiz gordetzen zuen bere bizilekuaren sekretua. XI. KAPITULUA Gogoratu beharra dago Zaluz egin dizuedan deskribapena ez lizuekeela egingo Hortz-Handik, nire ametsetako beste ni horrek, historiaurreko nire asaba zaharrak. Amets horien bidez begiratzen eta ikusten dut nik, gizon moderno honek Hortz-Handiren begiez. Horrelako gauza asko dago antzinako egun haiez eskaintzen ari natzaizuen narrazio honetan. Nire inpresioetan badut halako bikoiztasun bat, lausoegia nire irakurleei transmititzeko. Unetxo bat hartuko dut nire kontaketan, bikoiztasun hau, nortasun-nahaste harrigarri hau azpimarratzeko. Nik, gizon moderno honek, begiratzen dut mendeen gainetik, eta neurtzen ditut nire beste ni haren, Hortz-Handiren emozioak eta arrazoiak. Hura ez baitzen kezkatzen gauzak aztertzeaz eta neurtzeaz. Sinplea zen oso-osorik. Aski zuen gertaerak biziz, noraezeko era berezi hartan zergatik bizi zen pentsatzen ere hasi gabe. Ni, neure egiazko ni hau, hazi ahala, geroz eta barrenago joan naiz nire ametsen egiazko mamian sartzen. Egin daiteke amets eta ametsaren erdian ere ametsetan ari garela jakitun izan eta, ametsa txarra denean, ametsa besterik ez dela pentsatuz lasaitu. Denok dugu esperientzia hori. Horrelaxe sartzen naiz ni, gizon moderno hau, askotan nire ametsetan, eta horren ondorioz aktore eta begirale, biak batera izan ohi naiz nire nortasun bikoitz honetan. Eta, orobat, askotan haserretu eta asaldatu izan naiz, ni moderno hau, nire ni primitiboaren zentzugabeko txaldankeriaren, baldartasun motzaren eta ergelkeria erabatekoaren aurrean. Eta beste gauza bat, digresio hau bukatu baino lehen. Ez al duzu inoiz amets egin ametsetan ari zinela? Zakurrak amets egiten du, zaldiak amets egiten du, animalia guztiek egiten dute amets. Hortz-Handiren garaietan, erdi gizonek amets egiten zuten, eta amets gaiztoak zirenean, garrasi egiten zuten. Orain ni moderno hau, Hortz-Handirekin batera oheratzen naiz eta haren ametsak amesten ditut. Honek guztiak adimenaren helmena gainditzen du, badakit; baina badakit neuk egin dudala hori. Eta zilegi bekit esatea Hortz-Handiren amets iheskor haiek, zuentzat airean erortzearen ametsak bezain biziak izaten zirela harentzat. Zeren Hortz-Handik ere bazuen beste ni bat eta, lotan zegoenean, haren beste ni hark atzera jotzen zuen bere ametsetan, narrasti hegaldunetaraino, dragoiekiko borroketaraino, eta harago oraindik, lehen ugaztun karraskari iheskorren bizitzaraino, eta atzerago oraindik, hasierako ozeanoaren bazter basatsuetaraino. Ezin dut gehiagorik esan, ez naiz ausartzen. Lausoegia da, konplexuegia, beldurgarriegia. Aztarren batzuk baizik ezin eman ditzaket bizitzak, ez tximinotik gizakiarenganaino, baizik harra zenez gero izan duen bilakaeran lausoki begiztatu ditudan ikuspegi izugarri haiez. Eta orain gatozen berriro nire historiara. Nik, Hortz-Handik, Zalurengan ez nuen ikusten gorputz eta aurpegi simetrikoko izaki bat, betile luzeko begiak eta are ederragoa bihurtzen zuen sudur-zubi bat zituena. Begirada amultsua eta ahots eztia zuen eta borroka egiten ez zuen eme gazte bare bat zela ikusten nuen. Gustatu egiten zitzaidan harekin jolas egitea, ez nekien zergatik; gustatu egiten zitzaidan janari bila, txori-habiak bilatzera harekin joatea. Eta aitortu beharra dut, gauza asko erakutsi zidala zuhaitzetara igotzeko moduaz. Oso zuhurra, oso indartsua zen, eta ez zizkioten gona estuegiek mugimenduak eragozten. Garaitsu horretan zertxobait urruntzen hasi zen Belarri Makur. Baso aldera bakarrik joateko ohitura hartu zuen, nire ama bizi zen aldera. Nire arreba asmo gaiztokoaz zaletu zen eta Kalakarik onartu egin zuen. Baziren han beste gazte batzuk ere, inguruetan bizi ziren bikote monogamoen umeak, eta haiekintxe aritzen zen jolasean Belarri Makur. Inoiz ez nuen lortu Zalu haiekin elkartzerik. Ni joaten nintzenean, atzean geratu eta desagertu egiten zen. Gogoan dut behin ahalegin handia egin nuela konbentzitzeko: hark, ordea, urduri begiratzen zuen atzera, alde egiten, eta zuhaitz batetik deitzen zidan. Horrela bada, inoiz Belarri Makur bere lagunak bisitatzera joaten zenean harekin ez joatera ohitu nintzen. Zalu eta biok oso lagun onak ginen; baina, saiatuagatik, ezin izan nuen aurkitu bere zuhaitzetako bizilekua. Ezer gertatu ez balitz, berehala hasiko ginen elkarrekin bizitzen, seguru, elkarrekin gustatzen baikinen; baina gertatu egin zen zerbait hori. Goiz batean, Zalu agertzen ez zenez, Belarri Makur eta biok ibai-ahoan ginen enborretan jolasean. Ur-ertzera ozta-ozta iritsi ginelarik, amorruzko orro batek asaldatu gintuen. Begi Gori zen. Zuhaitz erori pila baten atzean zegoen ezkutaturik, eta gorrotoz begiratzen zigun. Izuak ikaraturik geunden; han ez zegoen sarrera estuko haitzulorik bertan babesteko. Nolanahi ere, harengandik apartatzen gintuen hogei oineko urak momentuz babesten gintuen, eta adorea hartu genuen. Begi Gori zutitu eta ukabilaz bere bular iletsuan kolpeka hasi zen. Gure bi enborrak elkarren ondoan zeuden; haien gainera igo eta burla egin genion. Hasieran beldurrezkoa zen gure barrea; baina Begi Goriren ezintasunaz konbentzitu ginenean, algaraz harrotu ginen. Begi Gori geroz eta haserreago zegoen eta hortzak estutzen zituen alferrikako haserre hartan. Guk, berriz, are eta burla gehiago egiten genion gure leku segurutik. Adimen laburrekoak ginen taldekoak. Begi Gorik kolpetik utzi zituen bularretako ukabilkadak eta hortz-karraskak eta lasterka hasi zen egur pilaren gainetik ur-ertzerantz. Eta orduan, gure pozak larritasun bihurtu ziren, abiadura berean. Begi Gorik ez baitzuen ohiturarik mendekuari hain erraz uko egiteko. Ikaraz eta dardaraz geratu ginen zer gertatuko. Ez zitzaigun bururatu ere egin arraunean urruntzerik. Egur pilaren gainetik jauzi handiak eginez itzuli zen, bere esku handi haietako bat urak garbitutako errekarri biribilez beteta zekarrela. Poztu nintzen harri handiagoak, bi edo hiru librako harriak, aurkitu ez zituelako; hogeiren bat pausotara baikeunden, eta hilko gintuen seguruenik. Hala ere, arriskua ez zen txikiagoa. Danba! Harri koskor bat bala baten indarraz igaro zitzaigun burrunba batean. Belarri Makur eta biok arraunean ekin genion itsumustuan. Sast! ziztua. Belarri Makurrek antsia larri batez garrasi egin zuen. Harriak bizkar bien erdi-erdian jo zuen. Nik beste bat hartu nuen, eta garrasi egin nuen. Begi Goriri munizioak ahitu zitzaizkiolako salbatu ginen. Gehiagoren bila joan zen korrika ubazterreko legarretara; bien bitartean Belarri Makurrek eta biok arraunean ihes egin genuen. Poliki-poliki haren irismenetik urrunduz joan ginen; Begi Gori munizio bila ari zen denbora guztian, eta harriak ingurutik pasatzen zitzaizkigun burrunba eginez. Ibai-ahoaren erdi aldean ur-korrontetxo bat zegoen eta, gure larritasunean, ez ginen ohartu ibaian barrena ginderamatzala. Arraunean jarraitu genuen; Begi Gorik ahal zuen bezain hurbilenetik jarraitzen zigun, ubazterretik. Orduan harri handiagoak aurkitu zituen. Munizio harekin irismen handiagoa zuen. Bost bat libratako harri puska bat lehertu zen enborrean nire ondoan; halako kolpea jo zuen non printza xehe mordoa iltzatu baitzitzaidan izterrean, orratzak balira bezala. Betean jo izan banindu, hilko nindukeen. Orduan ibaiaren ur lasterrak harrapatu gintuen. Halako itsumustuan ari ginen arraunean, non Begi Gori ohartu baitzen lehena, eta haren garaipenezko orroak ohartarazi zigun. Ibaiko ur-lasterrak padurako ura hartzen zuen lekuan uhin eta zurrunbilotxo sail bat zegoen. Haiek gure enbor moldakaitzak harrapatu eta aurrera eta atzera biraka eta itzulika erabili zituzten. Arraunketari utzi eta enborrak elkarren ondoan edukitzen ahalegindu ginen indar guztiaz. Bien bitartean Begi Gori harrika ari zitzaigun; harriak inguruan erortzen zitzaizkigun, urez zipriztinduz, eta gure biziak arriskutan jarriz. Eta bera gozatzen ari zen, basatien moduan, oihuka. Ibaiak bihurgune estu bat eratzen zuen ibai-adarra ibai nagusira sartzen zen lekuan, eta ur-laster nagusia beste aldeko ertzera desbideratzen zen. Beste ezponda horretara, iparreko ezpondara, eraman gintuen urak, ibaian behera joanez. Berehalaxe geratu ginen Begi Goriren irismenetik urruti; azkeneko aldiz ikusi genuenean, ertzeko tontortxo batean zegoen, jauzika, garaipenezko guda-abesti bat kantatuz. Enborrak elkarren ondoan eduki, besterik ez genuen egiten Belarri Makurrek eta nik. Zorteak zer ekarriko geunden, eta etsita, harik eta ohartu ginen arte ur-lasterrak, iparreko ezpondatik ehun oin baino gutxiagora ginderamatzala ubazterrean zehar. Harantz arraunean egiten hasi ginen berriro. Leku hartan ur-lasterra hegoaldeko ezpondarantz bihurtzen zen berriro; baina gure arraunketari esker lekurik estuenean igaro genuen. Ohartu orduko kanpoan ginen, baregune batean. Enborrak poliki-poliki joan ziren irristatuz, eta azkenean hondarra jo zuten geldiro. Belarri Makur eta biok lehorrera atera ginen. Eta enborrak baregune hartatik kanporatu eta ur-lasterrak beherantz eraman zituen. Elkarri begiratu genion, baina ez genuen barrerik egin. Gurea ez zen lurralde batean geunden, eta ez genuen pentsatu etorri bezala joan gintezkeenik geure lurraldera. Ibaia gurutzatzen ikasi genuen, aurrez batere jakin gabe. Gure taldean ordu arte inork ez zuen egin halakorik. Gu ginen lehenengoak, eta azkenekoak ere bai, uste dut, oina ibaiaren iparreko ezpondan jartzen genuenak. Gure taldeak egunen batean beste horrenbeste egingo zuela dudarik ez dago; baina Suaren Gizonen migrazioak eta haren ondorioz gure taldetik bizirik geratuek egin behar izan zutenak mendetarako geldiaraziko zuten gure eboluzioa. Suaren Gizonen inbasioak zein ondorio penagarriak izan zituen kontatzeko modurik ez dago. Ia seguru nago ia erabat suntsitu zuela gure taldea; gu, gizaki izateko bidea egiten ari ginen behe-mailako adar hau, guztiz moztu zuela eta ibaia itsasoratzen zen lekuko olatu zaratatsuetan akabatu zela dena. Ni, jakina, bizirik atera nintzen gertaera haietatik, hura kontatu ahal izateko; baina jarrai dezadan aurrera nire kontaketa, eta bukaera baino lehen kontatuko da gainerako guztia. XII. KAPITULUA Ideiarik ere ez dut zenbat denbora ibili ote ginen batera eta bestera ibaiaren iparraldean. Uharte desertu batean galdutako marinelak ginen, berriro etxera itzultzeko aukerari zegokionez. Ibaiari bizkarra eman eta asteak eta hilabeteak igaro genituen lurralde basati hartan, taldeko kide bat bera ere ikusi gabe. Oso zaila gertatzen zait gure ibilbidea nola izan zen berriro osatzea, eta ezinezkoa egunez egun zehaztea. Lauso eta nahasirik daukat gehiena, baina baditut oroitzapen bizi batzuk gertatu ziren zenbait gauzaz. Aintzira Luzearen eta Urrutiko Aintziraren artean dauden mendietan nolako goseak pairatu genituen dut batez ere gogoan. Gogoan ditut Aintzira Luzetik mendietara bitarteko oihanean bizi ziren Zuhaitzetako Gizonak ere. Mendietara ihesarazi ziguten eta Urrutiko Aintzirara joatera behartu. Ibaia utzi eta, lehenengo gauza, mendebaldera jo genuen, harik eta istinga artean zihoan errekatxo batera iritsi ginen arte. Han iparralderantz hartu genuen, istingadien ertzetatik, eta handik egun batzuetara Aintzira Luzea deitu dudanera iritsi ginen. Goreneko bazterrean alditxo batez geratu ginen, nahikoa janari aurkituta; eta orduan, egun batean, Zuhaitzetako Gizonen eskuetan erori ginen. Tximino basatiak besterik ez ziren. Baina ez ziren gure oso desberdinak. Iletsuagoak, hori bai; hankak okerragoak eta kozkortsuagoak zituzten, begiak txikixeagoak, lepoa lodiagoa eta motzagoa; eta sudur-zuloak azalean egindako zulo batzuen antzekoagoak; baina ez zuten ilerik aurpegian, esku-ahurretan eta hanka azpietan, eta gureen antzeko hotsak egiten zituzten, antzeko esanahiekin. Gure taldekoak eta Zuhaitzetako Gizonak ez ziren, izan ere, oso-oso desberdinak. Nik topatu nuen Zuhaitzetako lehenengo gizona, agure ihar, aurpegi-zimur, begi-makartsu, balantzati bat. Ehizaki zilegizkoa. Gure munduan geure kideekiko ere ez zegoen gehiegizko sinpatiarik, eta hura kidekoa ere ez zen. Zuhaitzetako Gizon bat zen, eta oso zaharra gainera. Zuhaitz baten orpoan zegoen eserita –bere zuhaitza, inondik ere, adar artean ikusten baitzen gauak igarotzeko zuen habia hondatua. Belarri Makurri keinu egin, eta gainera oldartu gintzaizkion. Igotzen hasi zen, baina geldiegi zihoan. Hankatik heldu eta lurrera bota nuen. Ederki jostatu ginen. Ziztatu egiten genuen, ileetatik tiratzen, belarriak bihurritzen, makilaz zirikatzen genuen, barrez eta barrez begiak malkoz betetzen zitzaizkigun arte. Haren alferreko haserrea gauzarik absurdoena zen. Barrea eragiten zuen ikusteak nola ahalegintzen zen gaztetako errauts hoztua berriro pizten, hil eta urteek eramandako indarra berpizten, jarri nahi zuen aurpegi basatiaren ordez oinaze-aieruak eginez, hortz gastatuez karraska eginez, eta bere bular eskasa ukabil indargabeez joz. Eztula egiten zuen, eta arnasa estutzen zitzaion, hots harrigarriak egiten zituen, marmarka. Zuhaitzera igotzen saiatzen zen bakoitzeko lurrera botatzen genuen berriro, bere ahuleziagatik etsi eta negarrez eseri zen arte. Belarri Makur eta biok berekin eseri ginen, besoez elkarri heldu eta haren zoritxarragatik barrez egon ginen. Negarretik zotinera eta zotinetik arrantzara eta azkenean garrasira igaro zen. Horrek larritu egin gintuen, baina zenbat eta gehiago saiatu isilarazten, orduan eta garrasi ozenagoak egiten zituen. Eta orduan oihan aldetik, baina ez oso urrutitik, “guk! guk!” bat iritsi zitzaigun belarrietara. Haiei erantzunez beste “guk! guk! guk!” batzuk entzun ziren, eta oso urrutitik beste “guk! guk! guk!” ozen, sakon bat entzun genuen. Eta “hu-hu!” deia entzuten zen gure inguruko oihan guztitik. Eta orduan ehiza hasi zen. Bazirudien ez zuela inoiz bukatu behar. Tribu osoa ondotik segika genuen zuhaitzetan zehar, eta ia-ia harrapatu gintuzten. Lurrera jaistera behartu ginen; han abantaila genuen, haiek Zuhaitzetako gizonak baitziren, eta adarretan gu baino bizkorragoak ziren bezala, lurrean lasterka guk irabazten genien. Iparralderantz jo genuen, tribua oihu batean segika genuela. Zabaldietan aldea kentzen genien, baina gero oihanean berriro harrapatzen gintuzten eta behin baino gehiagotan heldu ere heldu ziguten. Pertsekuzio horretan ohartu ginen ez zirela gure arraza berekoak, haien eta gure arteko loturak sinpatiazkoak ez beste edozein eratakoak zirela. Ordutan eta ordutan jarraitu ziguten. Bazirudien oihanak ez zuela inoiz amaitu behar. Ahal genuen guztian soilguneetara jotzen genuen; baina soilguneek oihan itsura eramaten zuten beti. Batzuetan ihes egin geniela uste genuen eta atsedeteko esertzen ginen; baina arnasari buelta eman orduko berriro entzuten genituen “hu! hu! hu!” gorrotagarri haiek eta “guk, guk, guk” beldurgarri haiek. Hori, “ja, ja, ja, jaaa!! !” basati batez bukatzen zen batzuetan. Horrela ehizatu nahi izan gintuzten oihanetan zehar Zuhaitzetako Gizon haserreek. Azkenean, arratsalde erdi inguruan, malkarrak geroz eta pikoagoak bihurtzen hasi ziren eta zuhaitzak txikiagoak. Eta mendiko malda belartsuetara atera ginen. Han kendu genien aldea, eta han etsi zuten Zuhaitzetako Gizonek, eta itzuli ziren berriro beren oihanera. Mendiak ezatseginak eta bertan geratzeko txarrak ziren, eta arratsalde hartan hiru bider saiatu ginen berriro basoetara itzultzen. Baina Zuhaitzetako Gizonak zain geneuzkan, eta atzera itzultzera behartzen gintuzten. Belarri Makurrek eta biok zuhaitz txiki batean egin genuen lo gau hartan. Han ez zegoen segurtasunik; edozein piztia ehiztarik harrapatuko gintuzkeen handik ibiliz gero. Goizean Zuhaitzetako Gizonek eragin ziguten errespetuak bultzaturik, mendietan barneratu ginen. Ez plan zehatzik ez ideiarik ez genuela seguru nago. Saihestu genuen arriskuaren beldurrak bultzatzen gintuen. Mendietan zehar egin genituen ibilietatik, oroitzapen lauso batzuk baizik ez ditut. Hainbat egun egin genituen lurralde mortu hartan, eta asko sufritu genuen, beldurragatik batez ere, hain berria eta bitxia baitzen dena. Hotza ere izan genuen, eta azkenik gosea ere bai. Haitz malkartsuz, erreka apartsuz eta ur-jauzi durunditsuz betetako lurralde mortu bat. Sekulako mendi-zintzurrak eta arroilak igo eta jaitsi genituen, eta edozein lekutatik begiratuta, mendiak eta mendiak hedatzen ziren amaierarik gabe gure aurrean. Zokoetan eta arrakaletan lo egiten genuen, eta hotz handia ari zuen gau batean zuhaitz baten antza zuen haitz tontor batera igo ginen. Azkenik, eguerdi bero batez, goseak erdi zorabiaturik, banalerrora iritsi ginen. Lurraren bizkarrezur goren hartatik, geroz eta mendi txikiago batzuen beste aldean, urrutiko aintzira bat ikustatu genuen. Eguzkiak uretan dizdiz egiten zuen, eta belaze zabalak zituen inguruan; ekialderantz, berriz, oihan amaigabeko baten lerro iluna. Beste bi egun eman genituen aintzirara iristeko; goseak eta akituta geunden; baina bazter hartan, txahal jaio berri bat aurkitu genuen, sastraka batean lo. Lana eman zigun hura hiltzeak, geure eskuak beste baliabiderik ez baikenuen ezagutzen horretarako. Ase ginenean, sobratu zitzaigun haragia ekialdeko oihanera eraman eta zuhaitz batean ezkutatu genuen. Ez ginen berriro zuhaitz hartara itzuli, zeren itsasotik errutera etorritako izokinez beteta baitzegoen aintziratik ateratzen zen ibaia. Aintziratik mendebaldera belazeak hedatzen ziren, eta bisonte eta basabere andana handiak zebiltzan. Basazakur saldoak ere ugari zeuden, eta zuhaitzik ez zegoenez, ez zen leku segurua guretzat. Ibaiaren ertzetik iparralderantz jarraitu genuen egun askoan. Orduan, ez dakit zergatik, ibaia utzi eta oihan handian zehar jo genuen ekialderantz eta gero hego-ekialderantz. Ez zaituztet aspertu nahi bidaia kontatuz. Suaren Gizonen lurraldera nola iritsi ginen adierazteko kontatu dizuet hau, soil-soilik. Ibai batera iritsi ginen, baina ez ginen ohartu gure ibai bera zenik. Hainbeste denbora egon ginen galdurik, non galduta egotera ohituta baikeunden. Atzera begiratzen dudanean, garbi ikusten dut halabehar soilak moldatzen dituela gure bizitza eta gure patua. Ez ginen ohartu gure ibaia zenik, ezerk ez zuen adierazten; beste aldera igaro izan ez bagina, beharbada ez ginateke gure taldera itzuliko; eta ni, gizon moderno hau, milaka mende geroago jaioa, ez nintzatekeen inoiz jaioko. Eta hala ere Belarri Makurrek eta biok gogo bizia genuen itzultzeko. Gure bidaian geure lurraldearen mina eta geure jendearen eta gure lurraren mira sentitu genuen; askotan gogoratzen nintzen nire Zaluz, hots gozoak egiten zituen eme gazteaz, elkarrekin gustura egoten ginen eta bakar-bakarrik non bizi zen inork ez zekien eme gazte hartaz. Haren oroitzapenak gose-sentsazioarekin batera izaten nituen, eta sentsazio berdinak izaten nituen goseak ez nengoenean eta jan berritan ere. Baina itzul gaitezen ibaira. Han janari ugari zegoen, baiak eta sustrai mamitsuak batez ere, eta egunak eman genituen hondardian jolasean eta olgetan. Eta orduan ideia bat bururatu zitzaion Belarri Makurri. Ideiaren bururatzea prozesu ikusgarria zen. Neuk ikusi nuen. Begikera erreguzkoa eta kexatia bihurtu zitzaion eta oso asaldatuta zegoen. Gero begiak lausotu zitzaizkion, hasi berria zuen ideia atxikiko ez balu bezala. Horren ondoren, erreguzko eta oinazezko aurpegieraren arabera, bazirudien han jarraitzen zuela ideiak, eta atxiki zuela. Niri begiratu zidan, ondoren ibaira eta gero ubazter urrunera. Hitz egiten ahalegindu zen; baina ideia hura adierazteko hotsik ez zuen. Barrea eragin zidan mordoilo bat izan zen emaitza. Haserretu egin zen; bat-batean heldu eta lurrera bota ninduen. Esan beharrik ez dago borroka egin genuela, eta azkenean zuhaitz bateraino esetsi nuela, eta han, harrapatzen saiatzen nintzen bakoitzean jo egiten ninduen, adar batez armaturik. Eta ideia ezabatu egin zen. Nik ez nekien, eta berak ahaztu. Baina biharamun goizean berriro piztu zitzaion. Baliteke etxerako joera izatea bere baitan indartu zitzaion ideiari eutsi arazten ziona. Edozeinetara ere, han zegoen, eta lehen baino ere argiago gainera. Uretara eraman ninduen; ur geldiko gune batean enbor bat hondoa jota zegoen. Jolas egin nahi zuela uste nuen, beste garai batean ibai-ahoan bezala. Eta ez nuen besterik pentsatu, hondardian urrutixeago zegoen beste enbor bat ekartzen ikusi nuenean. Ez nion ulertu zer nahi zuen harik eta bi enborrak elkarren ondoan jarri, eta haiei eutsiz gainera igo eta ur-lasterrean sartu ginen arte. Gelditu eta urruneko beste aldeko ertza erakutsi zidan, eta berriro ekin zion arraun egiteari, animatzeko oihuak eginez aldi berean. Ulertu nion, eta indar guztiaz egin genuen arraunean. Ur-laster biziak harrapatu gintuen, eta hegoaldeko urertzerantz eraman gintuen; baina lehorrera iritsi baino lehen iparreko ibai-bazterrera itzuli gintuen berriro. Tirabira izan genuen han. Ni, iparreko ubazterra hain hurbil ikusirik, harantz hasi nintzen arraunean. Belarri Makurrek berriz, hegoalderantz egiten zuen. Enborrak biribilean mugitzen hasi ziren, eta ez gindoazen inora, eta oihana bizkor igarotzen zitzaigun aurretik, ur-lasterrean behera gindoazen heinean. Ezin genuen elkarri joka hasi. Bagenekien hobe genuela hankez eta eskuez enborrei heltzea eta lotuta edukitzea. Baina zarata batean eta irainka jarraitu genuen, harik eta ur-lasterrak azkenean berriro hegoaldeko ubazterrera eraman gintuen arte. Hura zen orain gure helbururik hurbilena, eta biok berriro elkarturik, adiskidetasunez, harantz ekin genion arraunean. Urgeldi batean lehorreratu, eta zuhaitzetara igo ginen segituan, ingurua aztertzeko. XIII. KAPITULUA Ibaiaren Hegoaldeko ubazterrean igaro genuen lehenengo gauera arte ez genituen topatu Suaren Gizonak. Belarri Makur eta biok gau hura igarotzeko aukeratu genuen zuhaitzetik urrutira gabe kanpatuta zegoen ehiztari ibiltari taldetxo bat zen, nonbait. Hasieran gizon haien ahotsek larritu egin gintuzten; baina gero, ilundu zuenean, suak erakarri gintuen. Kontuz-kontuz eta isilik hurbildu gintzaizkien, zuhaitzez zuhaitz, eszena ikusteko leku on bat aurkitu genuen arte. Zuhaitz arteko soilgune batean, ibaitik hurbil, sua piztuta zegoen. Haren inguruan, Suaren Gizonetako dozena erdi bat. Belarri Makurrek heldu zidan bat-batean, eta haren ikara sentitu nuen. Arreta handiagoz begiratu nuen, eta zenbait urte lehenago Hagin Mailatu zuhaitzetik bota zuen ehiztari zahar zimurtua ikusi nuen. Altxatu eta suari egur gehiago botatzeko mugitu zenean, hanka elbarritik errenka zebilela ohartu nintzen. Edozer zela ere, betirako lesioa zuen. Lehen baino ere iharragoa eta zimurragoa zirudien, eta aurpegiko ilea erabat grisa zuen. Gainerako ehiztariak gazteak ziren. Inguruan beren arkuak eta geziak ikusi nituen lurrean, eta banekien zertarako ziren arma haiek. Suaren Gizonek animalia-larruak zerabiltzaten gerri inguruan eta bizkarrean. Besoak eta hankak, aldiz, biluzik zeuzkaten, eta ez zerabilten oinetakorik. Lehen ere esan dut ez zirela gure taldekoak bezain iletsuak. Burua ez zuten handia, eta gure taldekoen eta haien artean oso alde txikia zegoen kopetak begietatik atzera zuen etzantasunari dagokionez. Ez ziren gu bezain makurturik ibiltzen, eta mugimenduetarako ez ziren gu bezain malguak. Haien bizkarrezurrak, aldakak, belaunetako giltzadurak, gureak baino zurrunagoak zirela zirudien. Besoak ez zituzten guk bezain luzeak, eta ez nuen ikusi oinez zebiltzanean balantzaka egiten zutenik, ibiltzean eskuetako hatz-koskoez lurra ukituz. Haien giharrak gureak baino biribilagoak eta simetrikoagoak ziren, eta aurpegiak atseginak. Sudur-zuloak beherantz zabaltzen zitzaizkien; sudur-zubia ere guk baino handiagoa zuten, eta ez zuen gureak bezalako itxura zapala. Ezpainak ez zituzten gureak bezain bigun eta eroriak, eta haien betortzek ez zuten animalia haragizaleen letaginen antzik, gureek bezala. Nolanahi ere, gu bezain aldaka-estuak ziren, eta ez askoz ere astunagoak. Laburtuz, gurekin alderatuta, alde txikiagoa zuten guk Zuhaitzetako Gizonekin alderatuta genuena baino. Hiru gizaki motak oso hurbilekoak ziren, eta ez urrutikoak. Erdian zeukaten sua batez ere oso erakargarria zen. Belarri Makur eta biok ordutan egon ginen eserita, garrei eta keari begira. Liluragarria zen batez ere erregai gehiago bota eta airean gora txinparta mordoak igotzen zirenean. Nik hurbilago joan nahi nuen sua ikusteko, baina ez zegoen modurik. Zuhaitz baten adarretan ezkutatutarik geunden, soilgunearen ertz-ertzean, eta ez ginen ausartu ikusteko arriskuan jartzera. Azkenean suaren inguruan zeuden Suaren Gizonek lo hartu zuten, buruak belaunen gainean bermaturik. Lo sakonik ez zuten hartzen, ordea. Lotan zeuden bitartean belarriak mugitzen zituzten, eta urduri zeuden. Aldian behin bat jaiki eta erregai gehiago botatzen zuen sutara. Argi-zirkulu haren inguruan, oihanean, iluntasunean ezkutaturik, piztia ehiztariak zebiltzan. Belarri Makurrek eta biok ongi bereizten genituen beren hotsen arabera. Baziren basazakurrak eta hiena bat, eta une batean haien zaunkak eta zaratak lotan zeuden Suaren Gizonen zirkulu osoa esnatu zuen. Geroago lehoi arra eta emea ikusi genituen geure zuhaitzaren azpian suari begira, kalparra lazturik eta begiak dizdizka. Lehoi arra muturra miazten ari zen, urduri eta asaldaturik, aurrera jarraitu eta janaldi on bat egin nahiko balu bezala. Lehoi emea, berriz, zuhurragoa zen. Hark ikusi gintuen, eta gelditu eta begira egon zitzaizkigun, isilik, muturrak bihurrituz, usnan. Orro egin zuten, berriro suari begiratu, eta oihanean barrena sartu ziren. Belarri Makur eta biok luzaro geratu ginen oraindik begira. Aldian behin azpiko sastraken artetik gorputz astunen hotsak sentitzen genituen, eta zirkuluaren beste aldetik, iluntasunean begi distiratsuak ikusten genituen, suaren argitan. Eta urruti lehoi baten orroak, eta urrutiagotik piztia zaurituren baten garrasia, edalekuren batean uretan plastaka eta mugitzen. Ibaitik errinozeronteen marraka ozenak iristen ziren. Goizean, lo egin ondoren, suaren ondoraino herrestatu ginen. Txingarrak piztuta zeuden artean, eta Suaren Gizonak alde eginak. Bira bat egin genuen basoan, seguru egoteko, eta lasterka joan ginen sua zegoen lekura. Irrikatzen nengoen zer zen jakiteko, eta ilinti bat hartu nuen behatzetan Egin nuen oinaze eta beldurrezko garrasiak Belarri Makur izutu eta harrapaka ihesarazi zuen zuhaitzetara, eta harexek neu izutu eta atzetik joanarazi ninduen. Hurrengo aldian kontu gehiagoz itzuli ginen, eta ez genuen ilintirik hartu. Suaren Gizonak imitatzen hasi ginen. Su hondarraren inguruan eseri eta, burua belaunen gainean jarririk, lotan bageunde bezala egiten genuen. Haien hizketa-aieruak imitatu genituen, gure artean haien modura hitz eginez, mordoilo batean. Nik ikusia nuen ehiztari zahar zimurtua sua makila batez harrotzen. Nik ere sua harrotu nuen eta txingarrak errautsa atera eta errauts zurizko hodeiak jaso nituen. Hura bai jostagarria, eta segituan ginen biak errautsez zuri-zuri. Ezin gera gintezkeen Suaren Gizonak bezala garrak pizten ahalegindu gabe. Abartxo batzuez saiatu ginen hasieran. Eta lortu egin genuen. Egurra piztu eta zartaka hasi zen, eta guk pozez ekin genion dantzan eta garrasika. Orduan egur puska handiagoak bota genizkion. Eta bota eta bota aritu ginen harik eta su handi bat egin zen arte. Itsumustu batean ari ginen lasterka batera eta bestera, oihaneko adar eta enbor eroriak arrastaka eramanez. Garra geroz eta gorago igotzen zen, eta kea zuhaitz garaienetatik gora. Suaren zarta-hotsa eta zarata beldurgarria zen. Gure eskuez inoiz egin genuen gauzarik handiena zen, eta harro geunden. Suaren Gizonak ginela iruditzen zitzaigun, suaren inguruan gnomo zuriak bagina bezala dantzan. Belar lehorrak eta sastrakek sua hartu zuten, baina ez ginen ohartu. Bat-batean soilgunearen ertz-ertzeko zuhaitz handi batek su hartu zuen. Txunditurik geratu gintzaizkion begira, begiak zabalik. Suaren beroak atzera eragin zigun. Beste zuhaitz batek su hartu zuen, eta beste batek, eta beste dozena erdi batek. Izututa geunden. Munstroa martxan zegoen. Izuaren izuz kuzkurtu ginen, suak inguratu eta zirkuluan biltzen gintuen bitartean. Belarri Makurren begietan zerbait ulertu ezin zuenean izaten zuen erreguzko eta oinazezko begirada agertu zen, eta nire begietan ere begirada berbera azalduko zen, badakit. Elkarren kontra estutu ginen, harik eta beroa iritsi eta ile errearen usaina sudurretik sartu zitzaigun arte. Orduan kanpora jauzi egin eta mendebalderantz jo genuen oihanean zehar, lasterka gindoazen bitartean atzera begiratuz eta barre eginez. Eguerdi aldera lur-mihi batera iritsi ginen; ia biribil osoa egiten zuen ibaiaren bihurgune handi batek eratzen zuen, geroago ikusi genuen bezala. Estugunean muino apal samar basotsu batzuk zeuden. Gorenera igo eta oihan aldera begiratu genuen; haizeak, harrotuta, ekialderantz bultzatzen zuen suzko itsaso bat bihurtuta zegoen. Ibaiertzetik mendebalderantz jarraitu genuen, eta ohartu ere baino lehenago Suaren Gizonak bizi ziren lekuaren erdi-erdian geunden. Bizileku hura oso aukera estrategiko bikaina zen. Penintsula bat, hiru aldeetatik ibaiaren bihurguneak babestua. Leku batetik baizik ez zuen sarbidea: penintsularen lepo estutik, eta muino apal haiek oztopo natural bat ziren han. Munduko gainerako guztitik apartaturik, aspaldidanik bizi ziren han, itxura zenez, Suaren Gizonak. Hain zuzen ere, haien aurreramenduak eragin zuen, nik uste, gure taldeari hainbesteko hondamendia ekarriko zion migrazioa. Suaren Gizonak hainbesteraino ugaldu ziren, izan ere, non beren eskualdearen mugak zabaltzera beharturik aurkitu baitziren. Hedatuz eta hedatuz joan ziren, eta hedapen horretan aurrean zeramaten gure taldea, eta beraiek kokatu ziren lehen gureak izandako haitzuloetan eta lurraldeetan. Horrelakorik ez genuen askorik pentsatu Belarri Makurrek eta nik Suaren Gizonen gotorleku hartan aurkitu ginenean. Ideia bat baizik ez genuen: lehenbailehen urrundu handik; baina herritxoa begiratzeko geurez geneukan jakin-mina ezin izan genuen ito. Hala ikusi genituen lehenengo aldiz Suaren Herriko emakumeak eta haurrak. Haurrak ia denak biluzik zebiltzan, eta emakumezkoak basapiztien larruez jantzirik. Suaren Gizonak haitzuloetan bizi ziren, gu bezala. Haitzuloen aurreko zabaldia aldapa leun bat eratuz jaisten zen ibairaino, eta han baziren zenbait su txiki. Baina beren janariak sutan prestatzen zituzten ala ez, hori ez dakit. Belarri Makurrek eta nik ez genituen horretan ikusi. Nolanahi ere, nire iritzirako, bazekiten halako sukaldaritzako zertxobait egiten. Guk bezala kalabazez baliatzen ziren ibaitik ura ekartzeko. Emakumeen eta haurren joan-etorri eta oihu asko sumatzen zen. Haurrak jolasean ari ziren eta bihurrikeriak egiten zituzten, gure taldekoek bezalaxe, eta haien arteko jende haziak gure taldeko haurren antz handiagoa zuten gure taldeko jende haziarena baino. Belarri Makur eta ni ez ginen asko luzatu han. Mutiko batzuk arkuez geziak jaurtitzen ikusi genituen; eta oihan itsuan ezkutatu ginen; gero ibai aldera jarraitu genuen. Eta han katamaran bat aurkitu genuen, egiazko katamaran bat, Suaren Gizonek egina, zalantzarik gabe. Bi enborrak txikiak eta zuzenak zituen, gainean gurutzatutako beste adar batzuei sustrai gogorrez lotuak. Oraingo honetan bioi batera bururatu zitzaigun ideia berbera. Suaren Gizonen lurraldetik ihes egin nahi genuen. Zer hoberik enbor haien gainean ibaiaz beste aldera igarotzea baino? Gainera igo eta bultzada bat eman genion. Zerbaitek kolpetik gelditu zuen katamarana, eta ur-lasterrak ertzaren kontra bota zuen. Bat-bateko kolpe hark ia bota gintuen uretara. Katamarana sustrai bihurrituzko soka batez lotuta zegoen. Askatu eta berriro bultza egin genion. Ur-lasterraren erdiraino arraun egin genuenean, hain behera joan ginen ur-lasterrean, non Suaren Gizonen bizileku osoaren bistan baikeunden. Hain kontzentratuta geunden arraunketan, begiak beste ezpondan jarrita, non ez ginen ezertaz ohartu harik eta ibai-bazterretik oihu bat iritsi zitzaigun arte. Ingurura begiratu genuen. Suaren Gizon batzuk, asko, guri begira eta gu seinalatzen ari ziren, eta beste asko haitzuloetatik arrastaka ateratzen. Baltsan eseri ginen, begiratzeko, eta arraunean egitea ahaztu zitzaigun. Ibaiertzean sekulako iskanbila hasi zen. Suaren Gizonetako batzuek geziak jaurti zizkiguten; batzuk nahikoa hurbil erori zitzaizkigun; baina distantzia handiegia zen. Egun gogoangarria izan zen Belarri Makurrentzat eta niretzat. Ekialdean zeru-ertza ia estalirik zeukan guk oihanean piztu genuen suaren keak. Eta han geunden, ibaiaren erdian salbu, Suaren Gizonen gotorlekuari itzulia eginez. Eseri eta barre egin genien, urrundu ahala, lehenik hegoalderantz eta gero hego-mendebaldetik ekialderantz, ipar-ekialderantz eta gero berriro ekialderantz, ibaiak ia begizta bat eratuz egiten zituen bi bihurgune handiei jarraituz. Berriro mendebalderantz gindoazela, Suaren Gizonak oso atzera utzirik, ezaguna genuen eszena batek jo gintuen begietan. Edatera joaten ziren animalien joan-etorriak ikustera behin edo bitan joan izan ginen edaleku handia zen. Hura pasata azenario-sailak egon behar zuen, eta aurrerago haitzuloak eta gure taldearen bizilekuak. Ibaiertzerantz arraunean hasi ginen, bizkor igarotzen zela baitzirudien, eta ohartu ere baino lehen gure taldeak erabiltzen zuen edalekuan geunden. Han zeuden emakumeak eta haurrak, ur-garraiatzaileak, mordoxka bat, beren kalabazak urez betetzen. Ikusi gintuztenean zalaparta batean alde egin zuten, eroen moduan, malkarretan zehar, kalabaza pila bat bertan erorita utzirik. Lehorreratu ginen eta, jakina, ahaztu katamarana lotzea, eta ibaian behera jarraitu zuen ur-lasterrean. Kontu handiz igo ginen bidezidor batetik. Talde guztia bere zuloetan ezkutatuta zegoen, baina ikusten genuen, hala ere, han-hemenka bururen bat guri zelatan. Begi Goriren aztarrenik ez zegoen. Etxean ginen berriro. Eta gau hartan bertan malkar gorenean genuen haitzulotxoan lo egin genuen, ez ordea lehendabizi hartaz jabetuak ziren mutiko pare temati bat bertatik kanpora bidali gabe. XIV. KAPITULUA Hilabeteak etorri eta hilabeteak joan ziren. Etorkizuneko drama eta tragedia zehaztu gabe zeuden oraindik eta, bitartean, intxaurrak puskatzen genituen eta bizi egiten ginen. Gogoan dut intxaur-urte ona izan zela hura. Kalabazak intxaurrez bete eta tontortuta eramaten genituen puska-lekuetara. Intxaurrak harri-zulotxo batean jarri, beste harri bat eskuan hartu, jo, eta puskatu ahala jan egiten genituen. Udazkena zen Belarri Makur eta ni gure abentura-bidaia luzetik itzuli ginenean, eta hurrengo negua nahikoa epela izan zen. Maiz joaten nintzen nire behinolako zuhaitzeko etxera, eta sarritan aritzen nintzen bila ahabien paduraren eta Belarri Makurrek eta biok marineltza asmatu genuen ibai-ahoaren artean zegoen lurralde osoan; baina ez nuen Zaluren aztarrenik aurkitu. Desagertu egin zen. Haren gogoa nuen. Lehen ere aipatu dudan gose hark bultzatzen ninduen; gose fisikoaren oso antzekoa zen, eta urdaila ondo beteta neukanean ere askotan etortzen zitzaidan. Baina alferrik izan ziren nire bilaketa guztiak. Haitzuloetako bizitza ez zen monotonoa, nolanahi ere. Kontuz ibili behar zen Begi Gorirekin. Belarri Makurrek eta biok ez genuen sosegurik, gure haitzulotxoan geundenean ez bada. Sarrera zabaldu izanagatik, estututa sartu behar izaten genuen. Eta aldian behin berriro handitzen genuen arren, txikiegia zen, zorionez, Begi Goriren gorputz munstroarentzat. Baina ez zigun haitzuloan erasorik egin. Ongi ikasia zuen nonbait lezioa; lepoan kozkor handi bat zuen oraindik, nire harrikadak non jo zuen seinale. Kozkor hori ez zitzaion inoiz joan, eta nahikoa handia zuen, urrutitik ikusten zitzaion-eta. Behin baino gehiagotan poztu nintzen neure eskuez egindako lan hura ikusiz; eta leku seguruan nengoenean, barre egiten nuen hari begira. Begi Gorik beren aurrean zati-zati egingo bagintu ere gure taldeko gainerako guztiak laguntzera etorriko ez zitzaizkigun arren, gure alde zeuden, egon. Baliteke adiskidetasuna ez izatea, Begi Goriri zioten gorrotoa adierazteko modu bat baizik, baina beti jakinarazten ziguten inguruan zela. Oihanean, edalekuan, haitzuloen aurreko zabaldian izan, beti zeuden prest abisua emateko. Horrela bada, begi asko izateko abantaila genuen Begi Gorirekin, atabismoarekin, genuen borrokan. Behin ia-ia harrapatu ninduen. Goiz-goiza zen oraindik, eta gure taldea jaiki gabe zegoen. Erabateko ustekabea izan zen. Labarrean gora haitzulorako bidea moztu zidan. Tximista batean haitzulo bikoitzean sartu nintzen, urte batzuk lehenago Belarri Makurrek ihes egin zidan eta Ezpata Hagin tigre zaharra taldeko bi kide harrapatzen alferrik ahalegindu zen haitzulo hartan. Bi haitzuloen arteko pasabidean sartu nintzenean, segituan ohartu nintzen Begi Gorik ez zidala jarraitzen. Hurrengo momenturako beste sarreratik sartu zen haitzulora. Nik atzera egin nuen berriro pasabidetik, eta hark kanpora eta bestetik ekin zidan, behin eta berriro. Nik, berriz, pasadizotik batera eta bestera irristatu besterik ez nuen egiten. Egun erdiz eduki ninduen horrela, etsi zuen arte. Harrez gero, Belarri Makur edo ni haitzulo bikoitz horretara iristeko seguru samar geundenean, ez ginen haitzulo txikian ezkutatzen Begi Gori azaltzen zenean. Hari begirik ez kendu, horixe egiten genuen, eta ihesbidea moztu ez ziezagun kontu hartu. Negu hartan hil zuen Begi Gorik bere azkeneko emaztea tratu txarrez eta jipoien ondorioz. Atabismoa zela esan dut; baina atabismoa baino okerragoa zen, zeren behe-mailako animalia arrek ez baitituzte gaizki tratatzen eta hiltzen beren bizikideak. Horregatik diot Begi Goriri buruz, bere ikaragarrizko joera atabikoak gorabehera, etorkizuneko gizonaren etorrera iragartzen zuela, zeren giza espezieko harrak baizik ez baitu hiltzen bere bizilaguna. Uste izatekoa zen bezala, azkeneko emaztea hil ondoren beste baten bila hasi zen Begi Gori. Kantari aukeratu zuen, Hezur Handiren biloba eta Bizar Motzen alaba. Gaztetxoa, ilunabarrean bere haitzuloko sarreran kantuan egon zalea, eta artean aspaldi ez zela Hanka Okerrekin bizitzen hasia. Hanka Oker mutil lasaia zen, inori trabarik egiten ez ziona, inorekin borrokan jarduteko joerarik ez zuena. Ez zen borrokalaria. Txikia eta argala zen, eta ez gu bezain zalua. Hura izan zen Begi Gorik egin zuen ekintza higuingarriena. Ilunabarreko ordu barean gertatu zen, nor bere haitzulora erretiratu baino lehen zabaldian biltzen hasi ginenean. Bat-batean non ikusten dugun Kantari edalekutik gorako malda lasterka igotzen, atzetik Begi Gori zuela. Senarrarengana joan zen lasterka. Hanka Oker gaixoa izuak jota zegoen. Baina heroia izan zen. Bazekien hiltzera zihoala, baina ez zuen ihes egin. Hantxe geratu zen, zutik, orroka, eta hortzak erakutsiz. Begi Gori orroka ari zen, amorruz. Irain bat zen harentzat taldeko norbait erronka egitera ausartzea. Eskua jaurti eta Hanka Oker gaixoari zintzurretik heldu zion. Hark Begi Goriri hortzak besoan iltzatu zizkion, baina handik une batera Hanka Oker lurrean zetzan, zintzurra etenda, ikaraz eta bihurritzen. Kantari garrasika eta oihuka ari zen. Begi Gorik buruko ileetatik heldu eta arrastaka zeraman bere haitzulorantz. Zakarki zeraman igotzen hasi zenean, eta tarraska eraman zuen haitzulo barreneraino. Gu, amorratuta, erotzeko moduan, oihuka ari ginen. Bularra ukabilez joka, ilea lazturik, eta hortz-karraskan, gure amorruan elkarrekin baturik. Elkartasunaren sena sentitzen genuen, ekintza elkarrekin burutzeko bultzada, elkarlanerako joera. Ekintzarako elkartzeko premia hori markaturik zegoen gure baitan, artean oso lausoa bazen ere. Baina nola buruturik ez zegoen, adierazteko modurik ez genuelako. Ez genion denek Begi Goriri aurretik eta bertan eraso, horretarako hitzik ez genuelako. Pentsamendu lauso batzuk genituen; baina ez genuen pentsamendua adierazteko sinbolorik. Pentsamenduaren sinbolo horiek geroago asmatuko ziren, geldiro eta nekez. Gure hotsak gure kontzientzian itzalak bezala hegaka zebilzkigun gogoetez kargatzen ahalegintzen ginen. Bizar Motz oihuka hasi zen. Hots haien bitartez Begi Goriri zion gorrotoa eta jotzeko gogoa adierazten zuen. Horretaraino iritsi zen, eta horretaraino ulertu genion. Baina barruan zebilkion elkarlanerako bultzada adierazi nahi izan zuenean, mordoilo hutsa bihurtu ziren haren hotsak. Ondoren Aurpegi Zapal ere zarataka hasi zen, ilea lazturik eta bularra ukabilaz joz. Eta gero beste bat, eta azkenean guztiok batu ginen gorrotozko eztanda hartan, eta Hezur Handi zaharra bera ere garrasika eta oihuka ari zen bere ahots kraskatuarekin eta ezpain eroriekin. Norbait makila bat hartu eta enborren bat jotzen hasi zen. Handik une batera erritmoan ari zen jotzen. Ohartu gabe, gure alarauek eta oihuek erritmo hari jarraitzen zioten. Horrek sosegatu egin gintuen; eta, ohartu orduko, amorrua ahazturik, koru batean bezala ari ginen abesten. Abesti modu horrexek erakusten du ederki gure taldearen logika eta kemen urria. Han geunden, guztion amorruak eta elkarlanerako bultzadak bildurik, baina erritmo oies batek dena ahanztera desbideraturik. Sozialak eta taldekoiak ginen, eta abesti- eta barre-bilera horiek asebetetzen gintuzten. Bilera horiek gizaki primitiboen bilkuren aitzindariak ziren nolabait, etorkizunean izango ziren gizakien herri-biltzar handien, nazioarteko konbentzioen aitzindariak. Guk, ordea, mundu berri hartako izakiok, hizkuntzarik ez genuen, eta hala biltzen ginen guztietan Babel baten nahasmenduan erortzen ginen, eta handik sortzen zen geroago jaioko zen artearen esentzia barnean zeraman erritmo-batasun hori. Artearen jaio-unea zen. Guk jotzen genituen erritmo horiek ez zuten jarraitasunik. Berehalaxe galtzen genuen konpasa eta mila deabruren iskanbila sortzen genuen, berriro erritmoa hartu edo beste bat hasten genuen arte. Zenbaitetan dozena erdi erritmo eramaten genituen batera, talde desberdinetan, bakoitzak bere hotsarekin gainerako guztien zarata ito nahian. Iskanbila haren erdian bakoitzak bere jauziak, purrustadak, zaratak eta dantzak egiten zituen, nork beretzat, bere nahikundeak eta gogoetak aski zituela, beste guztiak ahazturik, unibertsoaren erdi-erdia bailitzan, une batez behintzat, bere inguruan jauzi eta uluka zebilzkion gainerako unibertsoko zentro guztietatik bakarturik. Orduan erritmoa hasiko zen berriro: txaloak; makila bat enbor bat jotzen; errepikaz jauzika ari zen norbaiten eredua, edo erritmo uniformez ahotsez gora eta behera, eztanda baten moduan, “a-bang, a-bang, a-bang!” errepikatzen zuen norbaiten inflexiozko kantua. Lehenengo bat, gero bestea, beren baitan murgilduta zeudenak erritmo hartara moldatu, eta berehalaxe koruan abestuko zuten. “A-a, a-a, a-a-a!”, horixe genuen gehien gustatzen zitzaigun koruetako bat edo, beste bat, honako hau: “E-uaj, e-uaj, e-uaj-aj!”. Eta horrela, ibilera ero horiekin jiraka eta balantzaka, kantu eta dantza egiten genuen, mundu primitiboaren ilunabar itzaltsuetan, ahazten saiatuz, unanimitate bila eta gozamenezko frenesi batean barrena murgilduz. Eta horrela baretu zitzaigun Begi Goriren kontrako amorrua, arteak leundurik, eta gure biltzarretako koru basatiak kantatuz jarraitu genuen, harik eta gauak bere izuak ekarri eta haitzetako zuloetara igo ginen arte, elkarri ahots apalez hots eginez, izarrak piztu eta iluntasuna zabaltzen zen bitartean. Iluntasunak baizik ez gintuen beldurtzen. Ez genuen erlijio-aztarrenik, ez mundu ikusezinaren kontzepturik. Mundu erreala baino ez genuen ezagutzen, eta gauza errealei genien beldurra, arrisku zehatzei, ehizan jarduten zuten haragi-odolezko piztiei. Haiek izutzen gintuzten iluntasunean, iluna animalia haragijalearen erreinua baitzen. Orduan ateratzen ziren beren zuloetatik, eta orduan jauzi egiten gure kontra, gure zelatan zeuden ilunpetik. Ilunpetako izaki egiazko eta ukigarriei genien beldur horretatik sortuko ziren beharbada geroago izaki irrealekiko beldurrak, azkenean ikusi ezin den mundu oso eta ahaltsu bat gauzatzeko. Baliteke, irudimena azkartu ahala, heriotzaren beldurra ere indartu izana gure taldeko kideen artean, gerora izango zen Herriak beldur hori iluntasunean proiektatu eta espirituz betetzeraino. Uste dut Suaren Gizonak hasiak zirela ilunaren beldur hori izaten; gu ez. Baina Ezpata Hagin, lehoiak, txakalak, basazakurrak, otsoak, eta haragijale goseti guztiak ziren taldea bere kantua utzi eta haitzarteetako haitzuloetara igotzera bultzatzen zuten arrazoiak. XV. KAPITULUA Belarri Makur ezkondu egin zen. Gure abentura-bidaiaren ondoko bigarren neguan izan zen hori, eta gutxien uste zen moduan gertatu zen, gertatu ere. Niri ez zidan ezer esan. Ilunabar batean labarretako haitzulora igo nintzenean jakin nuen. Sarreran estutu eta hantxe gelditu nintzen. Ez zegoen lekurik niretzat. Belarri Makur eta haren lagunak berentzat hartuta zeukaten; nor izango laguna, eta neure arreba zen, nire aitaorde Kalakariren alaba. Indarrez sartzen ahalegindu nintzen. Birentzat baizik ez zegoen lekurik, eta zegoena hartuta zegoen. Alderik txarrena nik nuen, gainera, eta, haiek eman zizkidaten atzaparkadak eta ile-tirakadak ikusita, alde egin behar izan nuen. Gau hartan eta hurrengo batzuetan, bi haitzuloen arteko pasabidean lo egin behar izan nuen. Neure esperientziak erakutsita, nahikoa leku segurua iruditzen zitzaidan. Nola gure taldeko bik han Ezpata Hagin tigreari ihes egin baitzioten, eta neuk ere bai Begi Goriri, pasabidean aurrera eta atzera ehiza-piztia guztiei ihes egin ahal izango niela uste nuen. Basazakurrez ez nintzen gogoratu. Haiek aise sartzen ziren ni sar nintekeen edozein pasabidetan. Gau batean usaina hartu zidaten. Bi haitzuloetan batera sartu izan balira, zalantzarik gabe harrapatuko ninduketen. Haietako batzuek pasadizotik jarraitu zidatenez, beste haitzulo-sarrerara atera nintzen. Hantxe zeuden gainerako basazakur guztiak. Gainera oldartu zitzaizkidan, nik labarrera jo eta igotzen hasten nintzen une berean. Haietako batek, piztia zalu eta gosetu batek, jauzian bertan hozka egin zidan. Izterreko giharretan iltzatu zidan hagina, eta ia bota ninduen atzera. Ondo heldu zidan, baina ez nintzen ahalegindu askatzen, eta gainerako piztien irismenetik gorago igotzen egin nuen ahalegin guztia. Nire burua salbu ikusi nuen arte ez nintzen larritu izterrean sentitzen nuen oinaze biziaz, eta orduan, dozena bat oin beherago jauzika, hormari atzamarka igo nahi eta berriro behera erortzen zen zakur saldo hura nuela, zakurrari zintzurretik heldu eta ito egin nuen. Denboratxoa eraman zidan horrek. Atzamarka egiten zidan, eta atzeko hankez ilea eta azala urratzen zidan, gorputz osoarekin ikaragarrizko astinduak ematen zituen, hormatik behera bota nahiz. Azkenean hortzak askatu eta haragi urratua askatu zidan. Gorpua labarraren tontorrera eraman, eta gau hartan nire behinolako haitzuloaren sarreran babestu nintzen, eta barruan Belarri Makur eta nire arreba. Hori baino lehen, ordea, taldearen irain-eraso bat pairatu behar izan nuen, iskanbila hura sortu nuelako. Baina mendekua hartu nuen. Aldian behin, azpiko zakur saldoaren zarata baretzen zenean, harri bat botatzen nien eta berriro hasten zen iskanbila. Eta berriro hasten ziren alde guztietatik talde haserretuaren irainak. Goizean, Belarri Makur eta bere emaztearekin batera banatu nuen zakurra, eta zenbait egunez ez ginen ez landarez ez fruituz elikatu. Belarri Makurren ezkontza ez zen zoriontsua izan baina, bere kontsolamendurako, ez zuen askorik iraun. Aldi hartan ez bera ez ni ez ginen zoriontsuak. Ni bakarrik nengoen. Nire haitzulotik kanpora egotzi izanaren ondorio txarrak pairatu behar izan nituen, eta ez nintzen gure taldeko beste mutikoteetako inorekin elkartu. Susmoa dut Belarri Makurrekiko adiskidetasuna ohitura bihurtua nuela. Ni neu ere ezkon nintekeen, egia da, eta gustura ezkonduko nintzatekeen, gure taldean genuen emakume urritasunagatik izan ez balitz. Aise ulertuko da Begi Goriren gehiegikeriak zirela eskasia horren arrazoia, eta horrexek erakusten du zelako mehatxua zen hura gure taldeak irauteko. Zalu ere bazen, gainera, eta ez neukan ahaztuta. Nolanahi ere Belarri Makur ezkonduta egon zen bitartean aterik ate deika ibili nintzen, hara eta hona, lotan nengoenean arriskuan gauero, eta behin ere erosotasunik gabe. Taldeko bat hil zen, eta haren emaztea beste baten haitzulora joan zen. Haitzulo abandonatu hartaz jabetu nintzen, baina sarrera zabala zeukan, eta Begi Gorik ia harrapatu ninduen behin; horregatik pasadizoa zuten bi haitzuloetara joan nintzen berriro lotara. Udan, nolanahi ere, aste osoak igarotzen nituen haitzuloetatik kanpo, zuhaitzetan egiten nuen habia batean lo eginez, ibai-ahotik hurbil. Esan dut Belarri Makurrek ez zuela zorionik. Nire arreba Kalakariren alaba zen, eta bizimodu negargarria eman zion Belarri Makurri. Beste inongo haitzulotan ez zen izaten hainbeste iskanbila eta sesio. Begi Gori Bizar Urdin bat baldin bazen, Belarri Makur emakumearen mendeko bat zen, eta Begi Gori zuhurregia zen Belarri Makurren emaztea desiratzeko, nik uste. Haren zorionerako, hil egin zitzaion emaztea. Gauza bitxi bat gertatu zen uda hartan. Ia uda-amaiera zela, sustrai haritsuko beste azenario-uzta bat erne zen. Espero ez zen uzta horretako azenarioak sustrai gozo lodikoak ziren; horregatik, azenario-saila izan zen aldi batez gure taldearen janari leku gustukoena. Goiz batean, aski goiz, gutako zenbait gosaltzen ari ginen. Alde batean Bizar Motz neukan. Urrutixeago haren aita eta semea, Hezur Handi eta Ezpain Luze. Beste aldean Belarri Makur eta nire arreba, arreba niregandik hurbilago. Ez zegoen ezeren abisurik. Horretan Bizar Motz eta nire arreba korrika eta oihuka hasi ziren bat-batean. Une horretan bertan alderik alde igaro zituzten gezien ziztua entzun nuen. Handik une batera bihurrika eta arnasestuka zeuden lurrean, eta gainerako guztiak zuhaitzetara gindoazen itsumustuan. Gezi bat ondotik igaro zitzaidan, eta lurrean iltzatu zen; haren kirteneko luma dardaraz geratu zen lurra jo zuenean. Oraindik gogoan dut zer bihurrera egin nuen, saihesteko, eta zein alferreko bira handia egin nuen. Zaldiak beldurra dionari ihes egiten dion bezala ihes egin nuen, nonbait. Belarri Makur, ondoan lasterka zihoala, estropezu egin eta lurrera erori zen. Hanka gezi batek alderik alde igarota zeukan, eta estropezu eragin zion. Lasterka egiten ahalegindu zen, baina trabaturik zegoen eta berriro erori zen. Eseri, makurtu, beldurrak ikaratan, eta erreguka deitzen zidan. Biratu nintzen. Gezia erakutsi zidan. Heldu eta tira egin nion, baina horrek eragiten zion oinazeagatik eskutik heldu eta geldiarazi zidan. Beste gezi bat pasatu zitzaigun ziztuka bion artetik. Beste batek harri bat jo, botea egin eta lurrera erori zen. Gehiegi zen. Indar guztiaz tira egin nuen, kolpetik. Belarri Makurrek oinazezko alarau bat egin zuen gezia ateratzean. Handik une batera ihesi batean geunden berriro. Atzera begiratu nuen. Hezur Handi zaharra, bakarrik eta atzeraturik, zabuka eta isilik zihoan lasterka, heriotzarekin lehian. Batzuetan ia erortzen zen, eta behin osorik erori zen; baina ez zetozen gezi gehiago. Ozta-ozta jaiki zen oinen gainean. Adinak pisu astuna zeukan harengan, baina ez zuen hil nahi. Oihaneko zelata-lekutik lasterka abiatu ziren Suaren hiru gizonek aise harrapatuko zuketen, baina ez ziren saiatu ere egin. Zaharregia eta gogorregia iruditu zitzaien beharbada. Bizar Motz eta nire arreba nahi zituzten, zeren, zuhaitzetatik atzera begiratu nuenean, han ikusi nituen Suaren Gizonak harri puska batzuez buruan jotzen. Suaren Gizonetako bat herrenka zebilen ehiztari zahar zimurtua zen. Zuhaitzen artetik haitzuloetarantz jo genuen, jende pila aztoratu eta ordenarik gabea, beren zuloetara bidean oihaneko piztiatxo bizi guztiak aurrean hartuz, eta eskinosoei lotsagarriro garrasi eginaraziz. Han, hurbileko arriskurik ez zegoenez, bere aitona Hezur Handiren zain geratu zen Ezpain Luze; eta zaharrek eta gazteek, bien artean belaunaldi baten aldea zutelarik, gure atzeguardia osatzen zuten. Horrela berriro ezkongabetu zen Belarri Makur. Gau hartan bertan harekin lo egin nuen behinolako haitzuloan, eta berriro hasi genuen gure behinolako adiskide-bizitza. Ez zirudien bere bizikidearen heriotzak samin handirik eragin zionik. Samin-seinalerik ez zuen erakutsi behintzat, ez haren faltarik ere. Hankako zauriak zirudien traba egiten ziola, eta astebete baino gehiago eman zuen lehen zuen zalutasuna berriro iritsi zuen arte. Hezur Handi zen gure taldeko agure bakarra. Batzuetan, iragan hartara begiratuz, garbiago ikusten dudanean, harrigarrizko antza sumatzen dut haren eta nire aitaren baratzezainaren aitaren artean. Lorazainaren aita agure ximur, ihar bat zen, eta bere begitxo makartsuez begiratzen zuenean, edo ohi horzgabeez marmarka egiten zuenean, Hezur Handi zaharraren itxura zuen eta hark bezalaxe jokatzen zuen. Haurra nintzenean antz horrek izutu egiten ninduen. Agure hura bere bi makuluen gainean balantzaka etortzen ikusten nuenean ihes egiten nuen beti. Hezur Handi zaharrak bazuen bizar bakandu zuri bat, agure haren bibotearen berdin-berdina iruditzen zitzaidana. Esan dudan bezala, Hezur Handi zen gure taldeko agure bakarra. Salbuespena zen. Gure taldekoak inoiz ez ziren zahartzarora iristen. Erdi mailako adinekoak ere bakanak ziren. Bortxazko heriotza izaten zen ohikoena. Nire aita hil zen bezala edo Hagin Mailatu hil zen bezala hil ohi ziren, Bizar Motz eta nire arreba hil berriak ziren bezala, bat-batean, bortxaz, sasoirik onenean, indarrez beterik, eta bizitzaren ederrenean. Heriotza naturala? Bortxazko heriotza zen egiazko heriotza naturala garai haietan. Gure taldean inor ez zen hil zaharrez. Nik behintzat inor ez nuen ezagutu. Hezur Handi bera ere ez zen hala hil, eta huraxe zen nire belaunaldian hori gerta zekiokeen bakarra. Kolpe txar batek, senaren une bateko lausotasunak, bat-bateko heriotza esan nahi zuen. Heriotza horien lekukorik ez zen izaten normalean. Taldeko kideak bistatik desagertu egiten ziren, besterik gabe. Goizean haitzulotik irten, eta ez ziren gehiago itzultzen. Desagertu egiten ziren… piztia ehiztarien urdail goseetan. Suaren Gizonek azenario-sailean egin zuten sarraldi hura gure taldearen amaieraren hasiera izan zen, nahiz gu konturatu ez. Denbora joan ahala Suaren Gizonetako ehiztariak geroz eta sarriago hasi ziren azaltzen. Pareka edo hirunaka etortzen ziren, oihanean isil-isilik ibiliz; haien gezi hegalariak ezerez bihurtzen zuten distantzia, eta zuhaitzik garaienetatik botatzen zituzten biktimak, beraiek goraino igo beharrik gabe. Arkuak eta geziak beren jauzien eta heldukaden luzamendu ikaragarri batzuk ziren, eta hala gai ziren ehun oin eta gehiagoko distantziatara norbait jo eta hiltzeko. Ezpata Hagin berbera baino askoz beldurgarriago bihurtzen zituen horrek. Eta oso burutsuak ziren gainera. Bazekiten hitz egiten eta horrek arrazoitzeko gauza egiten zituen eta, azkenik, bazekiten zein ziren elkarlanaren abantailak. Gu, taldekook, errezelotsuak eta fidakaitzak bihurtu ginen oihanean genbiltzanean. Horregatik begia azti ibiltzen ginen beti, zelatari eta izukor. Zuhaitzak ez ziren, jada, fidatzeko babesleku ziurra. Ezin ginen zuhaitz-adarretatik zintzilikatu, eta azpian zeuden animalia etsai haragizaleei barre egin. Suaren Gizonak haragijaleak ziren, ehun oin luzeko erpe eta hortzekin: hasierako mundu hartan zebiltzan piztia ehiztari guztietan beldurgarrienak. Goiz batean, gure taldea oihanean zehar barreiatu aurretik, beldurra zabaldu zen ur-garraiatzaileen eta ibaira edatera joandakoen artean. Talde guztia haitzuloetara bildu zen lasterka. Halakoetan ohitura genuen lehendabizi ihes egin eta arrazoiak gero aztertzea. Haitzulo-sarreretan geratu ginen zain eta begira. Handik pixka batera, Suaren Gizonetako bat zabaldian sartu zen kontuz-kontuz. Aguretxo ximur iharra zen, ehiztari zaharra. Luze geratu zen, guri begira, gure haitzuloak eta malkarreko horma goitik behera begiratzen. Bidezidor batetik edaleku batera jaitsi zen, eta minutu batzuk geroago beste bidezidor batetik itzuli zen. Berriro geratu zitzaigun arretaz begira, luzaro. Ondoren, etorri zen lekutik berriro itzuli eta oihanean barrenera alde egin zuen herrenka, gu sarrera batetik bestera triste eta kexu elkarri deika utzirik. XVI. KAPITULUA Bere behinolako bizilekuan aurkitu nuen Zalu, fruituak biltzen genituen paduretatik gertu, nire ama bizi zen eta Belarri Makurrek eta nik lehenengo habia egin genuen lekuan. Ustekabean izan zen. Zuhaitzaren azpira hurbildu ahala, ahots gozo ezaguna entzun eta gora begiratu nuen. Hantxe zegoen, nire Zalu, adar batean eserita, hankak aurrera eta atzera zintzilik zituela, niri begira. Puska batean geldi egon nintzen. Ikusteak poztu egin ninduen. Baina orduan larritasuna eta samina hasi zitzaizkidan poz hartan nahasten. Zuhaitzean gora bere atzetik igotzen hasi nintzen, eta bera poliki-poliki adarretik erretiratuz zihoan. Ia iristen ari nintzaiola, airean salto egin eta ondoko zuhaitzera alde egin zidan. Hosto-hotsaren artetik azalduz begiratzen zidan, eta hots gozoak egin zizkidan berriro. Zuzen-zuzenean egin nuen jauzi beregana, eta pertsekuzio bizi baten ondoren lehengo egoera berbera errepikatu zen; zeren han baitzegoen berriro, beste zuhaitz baten adarren artetik, bere hots gozoak eginez eta begiratuz. Belarri Makur eta biok abenturara abiatu ginen garai hartan ez bezalako zerbait erne zitzaidala konturatu nintzen. Haren desioa nuen, eta banekien desiratzen nuela. Eta berak ere bazekien. Horregatik ez zidan uzten hurbiltzen. Ahaztu egin nuen zalua zela benetan, eta berak irakatsi zidala adarretan ibiltzen. Zuhaitzik zuhaitz jarraitu nion, eta itzuri egiten zidan beti, bere begi amultsuez atzera begiratuz, hots gozoak eginez eta nire aurrean dantza eta zabu eginez, baina nire irismenetik kanpo beti. Zenbat eta gehiago ihes egin, orduan eta desio handiagoa nuen atzemateko, eta arratseko itzal luzeak izan ziren nire ahaleginaren alfertasunaren lekukoak. Segika nindoala edo batzuetan hurbileneko zuhaitzetik begiratuz atseden hartzen nuen bitartean, beregan gertatua zen aldakuntzaz ohartu nintzen. Garaiagoa zen, astunagoa, haziagoa. Itxura biribilagoa zuen, giharrak beteagoak, eta bazuen zehaztu ezinezko heldutasun berri bat, kitzikatzen ninduena. Hiru urtez ibili zen kanpoan, hiru urte gutxienez, eta aldaketa nabarmentzen zitzaion. Hiru urte diot; ezin dut zehatzago neurtu. Baliteke lau ere izatea, eta hartan gertatuak hiru urte horietan gertatuekin nahastea nik. Baina zenbat eta gehiago pentsatzen dudan horretan, orduan eta argiago iruditzen zait lau urte gutxienez egin zituela kanpoan. Nora joan zen, zergatik joan zen, eta bitarte horretan zer gertatu zitzaion, ez dakit. Niri esateko modurik ez zuen, Belarri Makurrek eta nik kanpoan ginen bitartean ikusitakoak taldeari esateko modurik ez genuen bezala. Baliteke berak ere abentura-bidaiaren bat egin izana, guk bezala, berak bakarrik. Beste alde batetik, baliteke alde egiteko arrazoia Begi Gori izana. Ia gauza segurua da hark topatuko zuela inoiz basoan hara eta hona zebilenean; eta, pertsegitu baldin bazuen, zalantzarik ez dago aski izango zela hori Zalu urruntzeko. Geroztik gertatu zirenengatik, pentsatu izan dut oso urrutira egin zuela bidaia, hegoaldera, mendi sail osoak igaroz, gero ibai ezezagun baten ertzetara jaisteko, bere kideko guztiengandik urruti. Zuhaitzetako Gizon asko bizi ziren han, eta haiek bultzatu zuten azkenean, nik uste, berriro taldera eta niregana itzultzera. Geroago azalduko zut zergatik uste dudan hori. Itzalak luzatzen ari ziren, eta ni geroz eta sutsuago ari nintzaion segika, baina ezin nuen harrapatu. Niregandik desesperatuta ihesi balihoa bezala itxura egiten zuen, eta beti moldatzen zen irismenetik ozta-ozta kanpoan egoteko. Dena ahaztu nuen, denbora, gaua bazetorrela, etsai haragijale odolzaleak. Amodioak erotuta nengoen, eta haserre orobat, bere ondora hurbiltzen uzten ez zidalako. Bitxia zen haserre horrek zenbateraino zirudien hartaz nuen desiraren parte bat zela. Esan dudan bezala, dena ahaztu nuen. Zabaldi batean lasterka nindoala, suge pila batean sartu nintzen. Ez zidaten atzera eragin. Eroturik nengoen. Eraso egin zidaten, baina, jauzika eta saihestuz, aurrera jarraitu nuen lasterka. Pitoi bat topatu nuen; bestelako batean, zuhaitz puntaraino uxatuko nindukeen garrasika. Zuhaitz batera ihes eginarazi zidan; baina Zalu bistatik galtzen ari nintzen, eta lurrera jauzi egin eta aurrera jarraitu nuen. Ozta-ozta libratu nintzen. Gero betiko etsaia azaldu zen, hiena. Nire jokaeragatik seguru egongo zen zerbait gertatuko zela, eta ordubetez jarraitu zidan. Aurrerago basurde saldo bat asaldatu genuen, eta haiek ere atzetik hasi zitzaizkigun. Zalu zuhaitzen artean ikaragarrizko jauzi bat egitera ausartu zen; niretzat gehiegizkoa zen. Nik lurrera jaitsi behar izan nuen. Han zeuden basurdeak. Ez zitzaidan axola. Hurbilenekotik arrabete baino gutxiagora lurreratu nintzen. Lasterka nindoanean ondoan jarri zitzaizkidan, eta bi bider behartu ninduten zuhaitzetara igotzera, Zaluren bidetik desbideratuz. Berriro lurrera menturatu nintzen, atzera itzuli eta tarte luze bat egin nuen lurrean, saldo osoa marraka, ilea lazturik, eta neure orpoen ondo-ondoan hortz karraska eginez atzetik nuela. Zabaldian pauso huts bat, estropezu bat, eta ez zegoen salbamenik niretzat. Baina ez zen gertatu. Eta ez zidan axola. Halako aldartean nengoen, non Ezpata Hagin berari edo Suaren Gizon gezi-jaurtitzaileei ere aurre egingo bainiekeen. Horretarainokoxe amodiozko eromena nuen. Zaluri ez zitzaion horrelakorik gertatzen. Hura zuhurra zen oso. Ez zuen egiazko arriskurik hartzen, eta oraindik gogoan dut, mendetan zehar nire begiak maitasun-pertsekuzio hartara bihurtuz, basurdeek geldiarazi nindutenean berak ez zuela oso bizkor lasterka egiten, nik berriro jarraitzeko. Berak gidatzen zuen ihesa, gehien komeni zitzaion bidetik joanez beti. Azkenik ilundu egin zuen. Orduan zuhaitz artean ageri zen zintzur baten malda goroldiotsuan zehar gidatu ninduen Zaluk. Gero sastrakadi itsu batean barrena sartu ginen; handik igarotzean niri urratuz bete zitzaidan azala. Hari ile bat ere ez zitzaion kateatu. Ongi ezagutzen zuen bidea. Sastrakadiaren erdian haritz handi bat zegoen. Zalu zuhaitz hartara igo zenean ni oso gertu nengoen; eta adar urkulduetan, hainbeste bider eta alferrik bila aritutako habian, han harrapatu nuen. Hienak berriro hartu zuen gure aztarrenen usna eta zuhaitzpean zegoen, gose-hotsak eginez. Baina ez ginen kezkatu, bestela baizik, barre egiten genion, hortzak erakutsi eta sasi artetik alde egin zuen arte. Udaberria zen, eta era askotako zaratak entzuten ziren gauean. Urtaro horretan ohitura zen bezala, borroka asko izaten zen animalien artean. Habiatik aise entzuten genituen basazaldien irrintziak, elefanteen tronpeta hotsa, eta lehoien orroa. Baina ilargia atera zen, airea epela zegoen, eta guk pozik egin genuen barre, beldurrik gabe. Gogoan dut hurrengo goizean bi txori ar hain itsuturik ikusi genituela borrokan, non joan eta lepotik helduta harrapatu bainituen. Horrela ospatu genuen Zaluk eta nik gure ezkontza ondoko lehenengo gosaria. Gozo-gozoak zeuden. Udaberrian oso erraz harrapatzen ziren txoriak. Urte hartako beste gau batean bi altze ilargiaren argitan borrokan ari ziren, Zalu eta biok zuhaitzetatik begira ginela; eta lehoi ar bat eta eme bat ezkutuan hurbiltzen ari zitzaizkiela ikusi genuen, eta borrokan ari zirela hil zituzten. Egiaz ez dakit zenbat denboraz bizi izan ginen Zaluren habia hartan. Egun batean, ordea, gu kanpoan ginela tximistak jo zuen zuhaitza. Adar handiak erauzi zituen eta habia erabat desegin. Berriro egiten hasi nintzen, baina Zaluk ez zuen ezer nahi izan. Geroago ikasiko nuen bezala, izutu egiten zuen tximistak, eta ezin izan nuen konbentzitu gure zuhaitzera itzultzeko. Horrela, bada, gure eztei-bidaiaren ondoren, haitzuloetara itzuli ginen bizitzera. Eta Belarri Makurrek, ezkondu zenean, haitzulotik kanpora bota ninduen bezalaxe, neuk ere halaxe egotzi nuen handik kanpora; Zaluk eta biok hartu genuen lekua; bien bitartean Belarri Makurrek haitzulo bikoitzeko pasadizoan egiten zuen lo. Eta Taldearekin bizitzera itzultzearekin batera, arazoak etorri ziren. Nik ez dakit zenbat emazte eduki zituen Begi Gorik Kantariren ondoren. Hark ere besteen akabera berdina izan zuen. Orain izaki gaixo, koldartu bat zeukan; negarrez aritzen zen denbora guztian, jotzen bazuen edo jotzen ez bazuen ere; haren heriotza berehalaxe etorriko zen. Hil baino lehenago ere, Begi Gorik nire Zalu jo zuen begiz; eta hura hil bezain laster Zaluren bila hasi zen. Eskerrak Zalu bizkorra zen, eta zuhaitzetatik zehar ihes egiteko trebezia hura zuen. Trebezia eta ausardia guztia behar izan zuen Begi Goriren erpeetatik ihes egiteko. Nik ezin bainiezaiokeen lagundu. Hain zen munstro indartsua, non aise zatituko bainindukeen atalez atal. Hil nintzen arte bizkar bat elbarriturik erabili nuen, hark hondatuta, euria zenean oinazea eragiten eta ezertarako ez nintzela uzten ninduena. Zaurituta egon nintzen garai horretan Zalu gaixotu egin zen. Malaria puntu bat izango zen seguruenik, aldian behin izaten baikenuen; baina, edozer zela ere, ahulduta eta astun utzi zuen. Bere giharretan ez zuen ohiko oldarra, eta nahiko egoera txarrean zegoen ihes egiteko Begi Gorik, haitzuloetatik hegoaldera zenbait miliatara, basazakurren habietatik gertu zokoratu zuenean. Beste batean izan balitz, ingurubira egin, lasterka irabazi, eta gure sarrera estuko haitzuloaren babesean gordeko zen. Baina ezin izan zion ihes egin. Ahulegi zegoen eta geldiroegi zebilen. Begi Gorik ez zion uzten, harik eta Zaluk etsi eta ahalegin guztia haren atzaparretatik ihes egiten jarri zuen arte. Gaixo egon izan ez balitz, haurren jolasa izango zukeen hari ihes eragitea: baina, orain zegoen bezala egonda, zuhurtasun eta maltzurtasun guztia beharko zituen horretarako. Ihes egiteko adar meheagoez baliatu ahal izatea zeukan bere alde, eta jauzi handiagoak egin ahal izatea. Distantziak neurtzen trebea zen gainera, eta aparteko begia zuen adarren eta egur ustelduaren gogortasuna antzemateko ere. Bukaerarik gabeko pertsekuzioa izan zen. Aurrera eta atzera, batera eta bestera, sekulako lasterraldi luzeak oihanean zehar. Taldekoak oso asaldatuta zeuden. Sekulako iskanbila basatia antolatu zuten, zenbat eta Begi Gori urrutiago, orduan eta ozenagoa, eta pertsekuzioak hurbiltzen zuenean isilagoa… Ezer egiteko gauza ez ziren ikusleak ziren. Emakumeek garrasiak eta oihuak egiten zituzten, arrek ukabilez bularra jotzen zuten, alferreko amorruz. Aurpegi Zabal, batez ere, oso haserre zegoen, eta Begi Gori hurbiltzen zenean isiltzen bazen ere, ez zen besteak adina isiltzen. Nik, nire aldetik, ez nuen ausardia berezirik erakutsi. Badakit ez nintzela heroia, ezta gutxiagorik ere. Zertarako balio behar zidan, gainera, Begi Goriri aurre egiteak? Munstro ahaltsua, piztia izugarria zen, eta indarrez indarreko borroka batean ez zegoen esperantzarik niretzat. Hilko ninduen, eta egoera ez zen batere aldatuko. Zalu haitzulora iritsi baino lehenago harrapatuko zuen. Ezintasunezko amorru batean begiratu besterik ezin egin nezakeen beraz, bidetik kanpo egon, eta hurbiltzen zitzaidanean amorrua baretu. Orduak joan ziren. Arratsaldea aurrera zihoan, eta erasoak lehen bezala jarraitzen zuen. Zalu akitu egin nahi zuen Begi Gorik. Nahita nekatzen zuen. Handik puska batera, Zalu nekatzen hasi zen eta ezin zuen itsumustuan ihes egiten jarraitu. Orduan ahal zuen adarrik meheenetara igotzen hasi zen, Begi Gorik jarraitu ezingo zion lekuraino. Han atseden pixka bat hartzeko aukera zuen, baina Begi Gori deabrua zen. Haraino jarraitu ezin zionez, adarrak astinduz saiatzen zen botatzen. Bere pisuarekin eta indarrarekin, adarra inarrosi eta zigor baten puntatik eulia botatzen den bezala bezalaxe astindu zezakeen. Lehenengo aldian beheragoko adarretara eroriz salbatu zen Zalu. Beste batean, adar haiek lurreraino erortzea eragotzi ez bazioten ere, kolpea arindu zioten. Beste batean, hain bortizki askatu zuen adarretik, non hegan igaro baitzuen beste zuhaitz baterainoko tartea. Harrigarria da nola heldu zion eta nola salbatu zen. Behartzen zenean baizik ez zen babesten Zalu unetxo batez goiko adar meheetan. Baina hain zegoen nekaturik, non ezin baitzuen beste inola ihes egin, eta sarri samar ari zen adar meheetara joaten. Jazarpenak jarraitu egin zuen, eta gure taldeak oihuka, bularrean kolpeka eta hortz-karraska eginez jarraitzen zuen. Eta orduan izan zen bukaera. Ilunabarra zen ia. Zaluk, dardaraz eta arnasarik gabe, adar mehe bati heldu zion, etsita. Lurretik hogeita hamar oinera zegoen, eta bitartean ezer ez. Begi Gorik beherago balantza eginez adarra astintzen zuen. Penduluak bezala egiten zuen balantza, haren pisuarekin geroz eta kulunka handiagoak eginez. Orduan kolpetik atzera egin zuen, kulunka gehienera iritsi zen une-unean. Zaluk heldulekua askatu eta lurrerantz abiatu zen, garrasika. Hala ere airean zuzendu eta zutik erori zen. Normalean, halako altueratik erorita, oinen malgutasunak lurraren kontrako kolpea arinduko zion. Baina orain leher eginda zegoen. Ezin izan zen baliatu malgutasun hartaz. Hankek huts egin zioten; kolpea zertxobait arindu besterik ez zioten egin, eta alboraka erori zen. Ez zen zauritu, ikusi zenez, baina arnasarik gabe utzi zuen. Etzanda, indarrik gabe, eta arnasa ezin hartuta geratu zen. Begi Gori gainera oldartu eta heldu egin zion. Bere behatz korapilotsuez buruko ileetatik heldu eta garaipen eta erronka orroak egiten zizkion zuhaitzetatik begira zegoen taldeari. Orduan erotu egin nintzen. Zuhurtasuna baztertu eta erabat ahaztu nuen nire haragitan neraman bizitzeko gogoa. Artean Begi Gori orroka ari zela, gainera oldartu nintzaion atzetik. Hain ustekabean harrapatu zuen nire erasoak, non lurrera bota bainuen. Besoez eta hankez inguratu eta lurraren kontra eusten ahalegindu nintzen. Nik bakarrik ezin izango nuen, Begi Gorik bere eskuetako bat Zaluri ileetatik helduta ez baleuka. Nire jokaerak adoreturik, Aurpegi Zabal ere aliatu egin zitzaidan bat-batean. Borrokari ekin, eta hortzak Begi Goriren besoan iltzatu, eta aurpegia atzamarka urratu zion. Aukera ona zen talde osoa gurekin batzeko. Begi Gori behin betirako akabatzeko une egokia. Baina zuhaitzetan geratu ziren, beldurrez. Begi Gorik erremediorik gabe menderatu behar gintuen. Derrepente akabatu ez bagintuen, Zaluk mugimendua eragozten ziolako izan zen. Arnasari buelta emana zion, eta erresistitzen hasi zen. Begi Gorik ez zion ilea askatu nahi, eta traba egiten zion horrek. Besotik heldu zidan. Akaberaren hasiera zen niretzat. Tiraka hasi zitzaidan, hortzak eztarrian iltzatzeko moduren baten bila. Ahoa zabaldurik zeukan, eta hortzak erakusten zituen. Estutzen hasi besterik egin ez bazen ere, bizkarra bihurritu zidan, eta bizi guztirako utzi zidan minduta. Baina une hartantxe zerbait gertatu zen. Ustekabea izan zen. Gorputz handi bat erori zen lauok osatzen genuen multzoaren gainean. Bortxaz bereizi gintuen, zilipurdika atera ginen, eta bat-bateko ustekabe hartan askatu egin genuen elkar. Kolpea gertatu zen unean ikaragarrizko garrasi bat egin zuen Aurpegi Zabalek. Ez nintzen ohartu zer gertatu zen, baina tigre usaina aditu nuen, eta zuhaitzetarantz ihes egin nuen une berean azal marradun bat ikustatu nuen. Ezpata Hagin zaharra zen. Gure zaratak habian esnatuta, gu ohartu gabe hurbildu zitzaigun. Zalu nire ondoko zuhaitzera igo zen, eta haren ondora joan nintzen segituan. Nire besoez inguratu, eta nire kontra estutu nuen, berak emeki-emeki negar eta zotin egiten zuen bitartean. Lurretik orroa eta hezur hotsa entzun zen. Ezpata Hagin zen Aurpegi Zabal izana zena afaltzen. Urrutixeagotik, Begi Gori behera begira zegoen, begiak gorriturik. Munstro hura bera baino ahaltsuagoa zen. Zalu eta biok biratu eta geldiro urrundu ginen zuhaitzen artetik, gure haitzulorantz, taldeak, goialdean pilaturik, aspaldiko etsai hari irain eta adar-zaparrada bat jaurtitzen zion bitartean. Tigreak isatsa zigorka astindu eta orro egiten zuen, baina jaten jarraitzen zuen. Eta hala salbatu ginen. Ustekabe hutsez, gutxien espero zen halabeharraz. Bestela hantxe hilko nintzen, Begi Goriren atzaparretan, eta ez zen denborazko zubirik izango garai hartatik egunkariak irakurtzen dakien, tren elektrikoetan ibiltzen den, eta ai! antzinako denboretan lausotutako gertaeren hauxe bezalako kontakariak idazten dituen ondorengo baterainoko milaka mende igarotzeko. XVII. KAPITULUA Orain kontatu behar dizuedana hurrengo urtearen udazken hasieran gertatu zen. Begi Gorik, Zalu harrapatzen porrot egin ondoren, beste emazte bat hartu zuen, eta gezurra badirudi ere, oraindik bizirik zuen. Harrigarriagoa oraindik, zenbait hilabeteko haur bat zuten: Begi Goriren lehenengo semea. Ordura arteko emazteak ez ziren haurra izateko adina bizi izan. Urte ona izan zen denontzat. Eguraldia bereziki ona izan zen, eta janaria ugaria. Urte hartako arbiak gogoratzen ditut batez ere. Intxaur-uzta ere oso oparoa izan zen, eta basaranak besteetan baino gozoagoak eta handiagoak. Labur esateko, urrezko urtea izan zen. Eta orduan gertatu zen. Goizean goiz izan zen, eta haitzuloetan harrapatu gintuzten. Argi hotz grisetan heriotzarekin topo egiteko esnatu ginen gutako gehienak. Zalu eta ni oihuen eta garrasien iskanbilak esnatu gintuen. Gure haitzuloa labarrean goienean zegoena zen; sarrerara arrastaka atera eta behera begiratu genuen. Zabaldi osoa Suaren Gizonez beteta zegoen. Haien alarau eta oihuek are zarata gehiago egiten zuten; baina haiek ordena eta plan bat zuten, eta gure taldeak ez. Guk, bakoitzak bere gisa egiten genuen borroka, eta ez genekien nolako hondamendia zetorkigun. Suaren Gizonei harrika eraso genienean, pilaka zeuden labarraren oinean. Gure lehenengo harri-zaparradak haietako batzuk zanpatu zituen, nonbait, zeren labarretik urrundu zirenean lurrean etzanik geratu baitziren hiru edo lau. Bihurrikatzen eta ezinean zeuden, eta bat arrastaka ari zen ihes egin nahiz, ahaleginetan haitzartetik alde egin nahiz. Baina ez genien utzi. Gizonezkoak haserre bizian orroka ari ginen, eta harrika eta harrika erasotzen genien lurrean zeuden hiru gizonei. Suaren Gizon batzuk haiek leku segurura eramatera itzuli ziren; baina gure harriek atzera eragiten zieten salbatzaileei. Suaren Gizonak haserretzen hasi ziren. Eta zuhurrago bihurtu ziren. Beren haserre-alarauengatik ere, urrun geratzen ziren, eta gezi zaparradak jaurtikitzen zizkiguten. Hori aski izan zen guk harriak botatzeari uzteko. Guretako dozena erdi bat hilik ziren ordurako, eta asko zauriturik; gainerakoak haitzulo barrenetara erretiratu ginen. Ni neure haitzulo garaian ez nengoen haien irismenetik kanpora, baina distantzia hura aski zen jaurtikitako geziak alferrik izan zitezen, eta Suaren Gizonek ez zituzten beren geziak alferrik galtzen nire kontra. Gainera jakin-mina nuen. Ikusi egin nahi nuen. Zalu, beldurrak ikaraz eta nik sartu nahi ez nuelako zotinka, haitzuloaren barrenenean gelditzen zen bitartean, nik sarreran kuzkurtu eta begira jarraitzen nuen. Erasoa tarteka egiten zuten orain. Ez aurrera ez atzera egingo ez balu bezala. Gu haitzuloetan geunden, eta kanpora nola aterarazi zen Suaren Gizonek zuten arazoa. Ez ziren ausartzen gureganaino etortzen, eta guk ez genuen nahi haien gezien irismenean jarri. Haietakoren bat labarrera hurbiltzen baldin bazen, gure taldekoren batek zanpatuko zuen harri puskaren bat jaurtikitzen zion. Horren ordainez, dozena erdi gezik alderik alde zulatuko zuten. Eta horrela jarraitu zuen gauzak puska batean; baina azkenean gure taldekoak ez ziren haitzuloetatik agerira ateratzen. Borroka ez aurrera ez atzera zegoen. Suaren Gizonak baino atzerago, hura dena gidatzen ari zen ehiztari txiki xahar ximeldua ikusten nuen. Hari obeditzen zioten, eta haren agindupean mugitzen ziren batera eta bestera. Batzuk oihanera joan eta enbor lehorrak, hostoak eta belar lehorra ekarriz itzuli ziren. Suaren Gizon guztiak hurbildu ziren. Gehienak gure taldekoren bat kanpora azaltzen ausartzen baldin bazen geziak disparatzeko prest zeuden bitartean, batzuek belar lehorra eta egurra behereneko haitzulo-sarreretan pilatu zituzten. Pila haietatik gu beldurtzen gintuen munstroari deitu zioten: Suari. Hasieran ke-hari eta kizkur batzuk atera ziren. Ondoren garraren mihizto gorriak, sutan zeuden egurren artean sugeak balira bezala irristatuz. Kea loditu eta loditu egin zen, batzuetan labarraren aurrealde osoa estaliz. Baina ni oso goian nengoen eta ez zidan traba handirik egiten, begietan mina ematen zidan arren, eta behatzez igurtzi nituen. Hezur Handi zaharra atera zuen lehenengoa kearen itomenak. Aire-bafada batek eraman zuen kea agurea irteten ari zen une berean eta garbi ikusi nuen. Ke artetik atera zen, txingar bat zapaldu, oinazeak garrasi eginarazi zion eta labarrean gora igotzen saiatu zen. Gezi-zaparrada bat joan zitzaion. Haitz baten ertzean gelditu zen, haitz kozkor bati heldurik, eusteko, arnasestuka, eztulka eta burua astinduz. Aurrera eta atzera balantza egiten zuen. Dozena bat geziren isats lumadunak ateratzen zitzaizkion gorputzetik. Agure zaharra zen, baina ez zuen hil nahi. Geroz eta balantza handiagoa egiten zuen; belaunak okertzen hasi zitzaizkion, eta balantza egin ahala aiene larriak egiten zituen. Eskuak heldulekua askatu zuen, eta labarrean behera erori zen. Haren hezur zaharrak lurraren kontra hautsi ziren. Beste aiene bat egin zuen eta ahalegintxo bat jaikitzeko, baina Suaren Gizonetako bat gainera oldartu, eta makila batez burezurra hautsi zion. Eta horixe bera gertatu zitzaien Hezur Handiri eta taldeko beste askori. Kearen itomena ezin eramanik haitzuloetatik ateratzen ziren, baina gezi ankerren pean erortzen ziren. Emakume eta haur batzuk beren haitzuloetan geratu ziren, eta hantxe ito zituen keak; baina gehienek kanpoan aurkitu zuten heriotza. Suaren Gizonek era horretan lehenengo haitzulo lerroa hustu zutenean, bigarren haitzulo ilaran gauza bera egiten hasi ziren. Baina belarra eta egur lehorrak jasotzen ari zirenean, Begi Gorik labar goreneraino ihes egin zien, eta emaztea haren atzetik, haurra estu-estu heldurik zeramala. Suaren Gizonek sua prestatzeko behar zuten tartean haitzuloetan geratuko ginela espero zuten nonbait; horrela bada, ez zeuden prestatuta, eta haien geziak hegan hasi zirenerako, Begi Gori eta haren emaztea labarraren gorenean zeuden aspaldi. Gorenera iritsi zenean, Begi Gori itzuli eta amorruz begiratu zien, orro eginez eta bularrean kolpeka. Suaren Gizonek beren arkuak tenkatu zituzten, eta geziek ukitu ez bazuten ere, ihes egin zuen. Hirugarren ilara keztatzen ikusi nuen, eta gero laugarrena. Taldeko batzuek labarrean gora ihes egin zuten, baina gehienak geziek jotzen zituzten labarrean gora ari zirenean. Gogoan dut Ezpain Luze. Nire erlaitzeraino iritsi zen, oinazez garrasika, gezi batek bularra alderik alde zulatuta, kirten lumaduna bizkarrean dardaraz zuela, hezurrezko muturra aurretik aterata, labarrean gora zihoala gezia atzetik sartuta. Nire erlaitzean erori zen, ahotik odola ugari zeriola. Une hartan goreneko haitzulo-erlaitzak berez bezala hustu ziren. Keak itorik ez zeuden gure taldeko ia denak batera atera ziren eta aldi berean egin zuten ihes labarrean gora. Horrek salbatu zituen asko. Suaren Gizonek ezin zituzten geziak hain bizkor disparatu. Aire guztia geziz bete zuten, eta zauriturik eta balantzaka erori ziren asko; baina zenbaitek gorenera igo eta ihes egin zuen. Niregan ihes egiteko bulkada ez zen jakin-mina baino indartsuagoa. Geziek ez zuten jadanik hegan egiten. Bazirudien taldeko azkeneko kideak ihes eginak zirela, baina egon behar zuen oraindik batek edo bestek goreneko haitzuloetan ezkutaturik. Zalu eta biok labarraren gorenerantz igoaldi bat egiteko prestatu ginen. Ikusi gintuztenean oihuka hasi ziren Suaren Gizonak. Ez zen niregatik, Zalurengatik baizik. Oihuka eta garrasika ari ziren eta Zalu seinalatzen zuten. Ez zuten jo nahi. Ez zioten gezi bat ere jaurti. Ahots eztiz eta losintxaz deika hasi zitzaizkigun. Gelditu eta behera begiratu nuen. Zalu izututa zegoen, zotinka, eta jarraitzeko bultzatzen ninduen. Goraino igo ginen, eta zuhaitzen artean desagertu ginen. Gertaera horrek askotan pentsarazi dit ea Zalu ez ote zen haien arrazakoa, eta artean gogoratzeko gazteegia zela haien artetik galdua ez ote zen, bestela ez zien beldurrik izango eta. Beste alde batetik, baliteke, baita ere, haien arrazakoa izanagatik, ez galdu izana; haien bizilekuetatik urruti oihanean jaioa izatea, eta haren aita beharbada Suaren Gizon arnegatu bat izatea eta ama nire arrazakoa, gure taldeko bat. Nork jakin? Gauza horiek nire irismenetik harago daude, eta Zaluk ere ez zekien nik baino gehiago horri buruz. Izumenezko egun bat igaro genuen. Bizirik atera ziren gehienek ahabi sailerantz egin zuten ihes, eta inguru hartako oihanetan babestu ziren. Eta egun guztian jarraitu ziguten Suaren Gizonen taldeek, eta harrapatzen gintuzten lekuan hiltzen gintuzten. Aurrez prestatutako plan betetzen ari ziren. Beren lurralde laburrean kabitzen ez zirenez, gureaz jabetzea erabaki zuten nonbait. Ondo konkista tristea! Guk ezin genien aurre egin. Hilkintza bat izan zen, bereizketa gabeko hilketa, ez zioten inori barkatzen eta; lurraldea hustu zuten arte. Munduaren bukaera bezalaxe izan zen guretzat. Zuhaitzetara jo genuen babestera; zertarako eta han inguratu eta hil gintzaten familiaz familia. Horrelako asko ikusi genuen egun hartan, eta nik ikusi egin nahi nuen, gainera. Zalu eta biok ez ginen luzatzen zuhaitz bakoitzean, era horretara saihestu genuen inguratuta geratzea. Baina nora joanik ez zen ikusten. Alde guztietan zeuden Suaren Gizonak, beren esterminazio-lanean tematurik. Nora begiratu, han topatzen genituen, eta horrela ikusi genituen egin zituzten gauza asko. Ez nuen ikusi zer gertatu zitzaion amari, baina bai Kalakari bere behinolako zuhaitzean behera nola bota zuten. Eta beldur naiz hura ikusita poz-ikara bat izan ez ote nuen. Nire kontaketaren zati hau bukatu aurretik, Begi Goriz hitz egin behar dut. Ahabien paduratik gertuko zuhaitzetako batean harrapatu zuten, bere emaztearekin. Zalu eta biok begira geratu gintzaizkion, ihesian gelditurik. Suaren Gizonak beren lanean kontzentratuegi zeuden gu erreparatzeko, eta ongi ezkutaturik geunden, gainera, gordeta geunden sastraka artean. Ehiztari talde osoa zegoen zuhaitzaren azpian, geziak jaurtikitzen. Geziak lurrera erortzen zirenean berriro biltzen zituzten. Begi Gori ez nuen ikusten, baina bai entzuten zuhaitzean nonbaitetik orroka. Tartetxo baten ondoren haren orroak moteldu egin ziren. Zuhaitzaren zuloren batean babestu zen, nonbait. Baina haren emazteak ezin izan zuen babestu. Gezi batek lurrera bota zuen. Zauri larriren bat zuen, zeren ez baitzen ihes egiten ahalegindu. Bere haurra babestuz kuzkurtu zen (bere kontra estututa zeukan) eta erreguzko keinuak eta hotsak egiten zizkien Suaren Gizonei. Inguruan bildu zitzaizkion eta iseka egiten zioten, Belarri Makurrek eta biok Zuhaitzetako agureari iseka egiten genion bezalaxe. Guk ere adarrez zirikatzen eta ziztatzen genuen bezalaxe, berdin egiten zioten Suaren Gizonek Begi Goriren emazteari. Gezien puntaz ziztatzen zuten saihetsetan. Emakume gaixoak, ordea, ez zuen borroka egin nahi. Ezta haserretu nahi ere. Bere haurra estaltzen eta erregutzen jarraitzen zuen. Suaren Gizonetako bat hurbildu zitzaion. Makila bat zuen eskuan. Emakumeak ikusi zuen, eta dena ulertu zuen; baina erreguzko deiak egiten jarraitu zuen, kolpea eman zion arte. Begi Gori, bere zuloan, gezietatik babestuta zegoen. Ehiztariak elkartu eta une batez hizketan aritu ziren, eta gero haietako bat zuhaitzera igo zen. Ezin dizuet esan zer gertatu zen han goian; baina haren oihu bat entzun, eta behean zeudenen urduritasuna ikusi nuen. Handik minutu batzuetara, haren gorputzak lurra jo zuen. Ez zen mugitu ere egin. Suaren Gizonak begira geratu zitzaizkion, burua jaso zioten, baina utzi zutenean indarrik gabe erori zen. Begi Gorik Suaren Gizonarenak eginak zituen. Ehiztariak haserre bizian zeuden. Zuhaitzak pitzatu bat zuen enborrean, lurretik gertu. Belar iharrak eta egurra pilatu eta su eman zioten. Zalu eta ni, elkarri estu-estu besarkaturik, sastraka artean geunden zain. Aldian behin adar berdeak botatzen zizkioten suari, eta kea lodia bihurtzen zen. Horretan bat-batean zuhaitzetik urrutiratzen ikusi genituen. Baina ez ziren behar bezain bizkorrak izan. Begi Goriren gorputza haien erdi-erdian lurreratu zen. Amorru-sutan, ezker-eskuin jo eta hautsi egiten zuen bere beso luzeez. Bati aurpegi osoa urratu zion, bere behatz korapilatsu gihar sendoko, tenaza gisako haiekin. Beste bati eztarrian hozka egin zion. Suaren Gizonak alarau basatiak eginez erretiratu ziren, eta berriro oldartu zitzaizkion gainera. Hark, ordea, makila lodi bat hartu, eta arrautza-oskolak balira bezala hasi zen burezurrak zanpatzen. Gehiegitxo zen haientzat, eta atzera egitera beharturik aurkitu ziren berriro. Huraxe zen aukera; biratu eta basatien moduan ulu eginez ihes egin zien. Gezi batzuk joan zitzaizkion; baina sastrakadian sartu eta desagertu egin zen. Zalu eta ni isilik urrundu ginen, baina Suaren Gizonen beste talde batekin egin genuen topo. Ahabien paduraraino jarraitu ziguten; baina guk ezagunak genituen lurretik jarraitu ezingo ziguten zingiradi eta aintzirak gainetik igarotzeko zuhaitz-bideak, eta ihes egin genien. Hala, beste aldean, ahabien padura sartaldean hedatzen zen paduratik bereizten zuen baso-zerrenda estu batera iritsi ginen. Han topatu genuen Belarri Makur. Ez dakit nola ihes egingo zuen, bezperako gauean haitzuloetan lo egin ez bazuen behintzat. Han, baso-zerrenda hartan, eraiki genitzakeen hiru babes eta hantxe geratu; baina Suaren Gizonak alde guztietan ari ziren burutzen beren hilkintza. Arratsaldean, Aurpegi Bizardun eta haren emaztea zuhaitzen artetik ekialderantz ihesi ikusi genituen. Bizkor eta isilik zihoazen, aurpegian izumena zutela. Haiek ekarri zuten bidetik ehiztarien oihuak eta guretakoren batzuen garrasiak entzuten genituen. Suaren Gizonek igarobide bat aurkitu zuten paduretan. Zalu, Belarri Makur eta hirurok Aurpegi Bizardunen eta haren emaztearen ondotik jarraitu genien. Padura Handiaren ertzera iritsi ginenean gelditu egin ginen. Hango igarobideak ez genituen ezagutzen. Gure eremuaz kanpo zegoen; eta gure taldeak inoiz ez zuen nahi izan han sartzerik. Hara sartu eta berriro itzuli behintzat inor ez zen egin. Gure adimenerako misterioa eta izumena, beldurrezko mundu ezezaguna zen hura. Ertzean gelditu ginen beraz. Beldurra genuen. Suaren Gizonen oihuak geroz eta hurbilago ari ziren iristen. Elkarri begiratu genion. Aurpegi Bizardun, zingira gainetik lasterka eginez, handik hogeita hamarren bat pausura zegoen belar-tontorrera iritsi zen. Emazteak ez zion jarraitu. Ahalegindu zen, baina zingiradiaren azal engainakorrak atzera itzularazi eta beldurrez kuzkurtu zen. Zaluk ez zidan itxaron, eta Belarri Makur baino ehunen bat metro harago tontor zabalago batera irisi arte ez zen gelditu. Belarri Makur eta biok haren ondoraino iritsi ginen une berean azaldu ziren zuhaitzen artetik Suaren Gizonak. Aurpegi Bizardunen emaztea, haiek ikustean izuturik, gure atzetik abiatu zen. Baina itsu-itsuan eta kontu hartu gabe zebilen; zingiradiaren azal gogorra hautsi zuen. Guk biratu eta begiratu egin genuen, eta lokatzetan hondoratuz zihoala Suaren Gizonek geziz jotzen zutela ikusi genuen. Geziak inguruan erortzen hasi zitzaizkigun. Aurpegi Bizardun gurekin batuta zegoen orain, eta aurrera jarraitu genuen laurok, noraezean, istingadian barrena. XVIII. KAPITULUA Padura zabal haietan hara hona egin genituen ibilien oroitzapen zehatzik ez dut. Gogoratzen ahalegintzen naizenean, loturarik gabeko inpresio solte pila bat baizik ez dut izaten, eta denboraren zentzua ere galdu egiten dut. Ez dakit zenbat denbora ibili ginen zingira haietan, baina asteak, inondik ere. Han gertatuez dudan oroitzapenak amesgaiztoaren itxura du beti. Badakit ezin kalkulatuzko denbora batez ibili ginela, era askotako izuen mende, batera eta bestera, gelditu gabe ibili eta ibili, eremu heze, urez hanpatu batean, suge pozoitsuen erasopean, basapiztiak inguruan orroka, lokatza gure azpian zabaltzen eta aztaletaraino hurrupatzen gintuela. Gogoan dut ezin konta ahala aldiz desbideratu gintuztela ibaiek, aintzirek, lokatz-itsasoek. Ekaitzak eta uholdeak ere izan ziren, behe-lurretako eremu zabaletan; eta baita gose eta miseria aldiak ere, aldikako uholde horiek zuhaitzetan preso egotera behartzen gintuztenean. Badut irudi bat gogorki markatua. Zuhaitz handiak gure inguruan, eta haien adarretatik zintzilik goroldio-hari arreak, eta aiena luzeak zintzilik, munstrozko sugeak bailiran, enborrak inguratuz eta airean mataza estuan kiribilkaturik. Eta inguru guztian lokatza, lokatz biguna, gas-burbuilak isuriz eta barneko mugimenduz taupaka eta zizpuruka. Eta horren guztiaren erdian, gutako dozena bat lagun, argal eta errukarri, azal tenkatuaren azpitik hezurrak agerian ditugula. Ez dugu abesten, ez hitz egiten, ez barre egiten. Ez dugu txantxarik egiten. Behingoz gure espiritu aldakor eta euforikoak lur jota daude. Kexuz intzirika egiten dugu; elkarri begiratzen diogu, eta elkarren kontra estutzen gara. Munduaren azken egunaren ondoren bizirik dirautenen topaketa bezalaxe da. Koadro honek ez du zerikusirik zingiradian gertatu ziren gertaeren gainerako inpresioekin. Ez dakit nola moldatuko ginen hura gurutzatzeko, baina azkenean atera ginen, ibai-bazterreraino jaisten zen muino zerrenda baten ondoan. Gure ibaia zen, gu bezalaxe zingira handi hartatik ateratzen. Hegoaldeko ertzean, ibaiak muino artean bidea egiten zuen lekuan, hareharrizko haitzulo pila bat aurkitu genuen. Harago, mendebalderantz, itsasoak orroka ziharduen ibai-bokaleko barraren kontra. Hantxe, haitzulo haietan, kokatu genuen gure bizilekua, itsasotik hurbil. Ez ginen asko. Aldian behin, egunak joan ahala, taldeko beste batzuk azalduz joan ziren. Banan-banan, binaka, hirunaka ateratzen ziren zingiratik, bizirik baino hilda areago, eskeleto biziak, azkenean hogeita hamarren bat bildu ginen arte. Zingiratik ez zen gehiago azaldu, eta Begi Gori ez zegoen gurekin. Kontuan hartzekoa da beldurgarrizko bidaia haietatik haur bat ere ez zela bizirik geratu. Itsasertzean egin genituen urteez ez dizuet ezer esango. Ez zen bizileku pozgarria. Airea hezea eta hotza zen, eta eztulka eta hotzak egoten ginen beti. Inguru hartan ezingo ginen luzaro bizi. Haurrak izan genituen, egia da hori; baina bizibide gutxi zuten eta oso gazterik hiltzen ziren, eta gu ere haurrak jaio baino bizkorrago hiltzen ginen. Gure kopurua etengabe urrituz zihoan. Eta erabateko elikadura-aldaketa ez zen ona guretzat. Jateko landare eta fruitu gutxi aurkitzen genuen, eta arrain-jaleak bihurtu ginen. Muskuiluak, txirlak, lapak, itsas belarriak, eta itsasoko karramarro handi ugari izaten zen, itsasoak ekaitz-egunetan hondartzara botata. Jateko onak ziren zenbait itsasbelar mota ere aurkitzen genituen. Baina janari-aldaketak urdaileko minak eragiten zizkigun, eta inor ez zen gizentzen. Denak argalak geunden eta dispeptiko itxura genuen. Belarri Makur goiz batean desagertu zen, itsas belarrien bila joanda. Belarri haietako bat itxi eta behatzak harrapatu zizkion, eta itsasgora etorri eta ito egin zuen. Hurrengo egunean aurkitu genuen haren gorputza, eta lezio ona izan zen guretzat. Gutako beste inor ez zen berriro geratu itsas belarriaren oskolak harrapatuta. Zaluk eta biok bion haurra genuen bat haztea lortu genuen: mutiko bat; urte batzuetan behintzat hazi genuen. Baina seguru nago ez zuela bizirik iraungo hain klima kaltegarri hartan. Eta egun batean berriro azaldu ziren Suaren Gizonak. Ibaian behera etorri ziren, ez katamaran batean, kanoa oies batean baizik. Hiru arraunlari ziren, eta ehiztari xahar beldurgarri huraxe zen haietako bat. Gure hondartzan lehorreratu ziren, eta ehiztari zaharra herrenka etorri eta gure zuloak begiratzen aritu zen. Minutu batzuk eginda, alde egin zuten, baina Zalu beldurrak akabatzen zegoen. Denok geunden beldurrez, baina ez hura adina. Gau osoa igaro zuen negarrez eta zotinka. Hurrengo goizean haurra besoetan hartu eta bere oihuez, garrasiez, keinuez eta bere etsenpluaz bigarren aldiz ihes egitera behartu ninduen. Zortzi lagun (gure behinolako taldetik geratzen ziren bakarrak) geratu ziren haitzuloetan. Haientzat esperantzarik ez zegoen. Suaren Gizonak itzultzen ez baziren ere, handik gutxira hilko ziren. Itsasbazter hartan oso klima txarra egiten zuen. Gure taldea ez zegoen itsasbazterrean bizitzeko prestatuta. Hegoalderantz jo genuen, zenbait egunez zingira handiaren ertzetatik, baina hartan sartzen arriskatu gabe. Behin sartalderantz jo genuen, mendi sail bat igaro eta berriro itsasbazterrera jaitsiz. Baina ez zen guretzako lekua. Ez zegoen zuhaitzik, lurmutur gozakaitzak besterik ez, olatu zaratatsuak eta inoiz baretu behar zuenik ez zirudien haize bortitza. Berriro igaro genituen mendiak, sortalderantz eta mendebalderantz jarraituz, berriro zingira handira itzuli ginen arte. Berehalaxe iritsi ginen zingiraren hegoaldeko ertzera, eta hegoalderantz eta sortalderantz jarraitu genuen. Lurralde atsegina zen. Airea epela zen, eta oihanean geunden berriro. Geroago muino ilara apal bat igaro genuen eta oihan-eremu oraindik ere hobe bat topatu genuen. Zenbat eta itsas bazterretik barrualderago, beroago egiten zuen, eta aurrera jarraitu genuen, harik eta itxuraz Zaluk ezagutzen zuen ibai zabal batera iritsi ginen arte. Hara joan zen nonbait, taldetik falta izan zen lau urteetan. Enbor gainean igaro genuen ibaia, eta labar zabal baten oinean lehorreratu ginen. Labarraren gorenean beste bizileku bat aurkitu genuen, iristen oso zaila eta behetik begiratuta ia ezkutua. Ez zait askorik geratzen kontatzeko. Han bizi izan ginen Zalu eta biok, eta han hazi genuen gure familia. Eta hemen bukatzen dira nire oroitzapenak. Ez genuen berriro emigratu. Eta gure haitzulo goititu eta iristezin hartatik aurrerako ametsik ez dut egiten. Han jaio zen nonbait nire ametsetako gaien herentzia jaso zuen haurra, nire bizitzako inpresio guztiak edo, hobeto esateko, Hortz-Handiren bizitzakoak, bere baitaratu zituena, nire beste ni bat baita, ez neu, egiazko ni hau, baina hain erreala hala ere, non askotan ez bainaiz gauza izaten zein arotan bizi naizen esateko. Askotan pentsatu izan dut nire ondore-ildo horretaz. Ni, ni moderno hau, gizakia naiz zalantzarik gabe; baina ni, Hortz-Handi, ni primitibo hau ez naiz gizakia. Nire nortasun bikoitzaren bi osagarriok izan behar dute nonbait lotura, eta zuzeneko ildotik gainera. Gure taldea, desegin baino lehen, gizaki bilakatzeko bidean zegoen? Eta guk, neuk eta nitarrek, egin ote genuen bide hori? Beste alde batetik, ez ote zen elkartuko nire ondorengoetakoren bat Suaren Gizonekin eta haietako bat bihurtu? Ez dakit. Ez dago jakiteko modurik. Gauza bat dago segurua: Hortz-Handik bere bizitzako inpresio guztiak markatu zituela bere ondorengo baten garunean, eta hain ezin ezabatuzko moduan markatu ere, non geroztiko belaunaldi guztiak ez baitira gauza izan haiek ezabatzeko. Bada beste gauza bat ere bukatu baino lehen esan nahi dudana. Askotan izan dudan amets bat da, eta labarreko haitzulo garai, ezin iritsizko hartan bizi izan nintzen garaian gertatu bide zen. Gogoan dut noraezean nindoala sartaldeko oihanean. Zuhaitzetako Gizonen tribu batekin topo egin nuen. Sastraka batzuen atzean kuzkurtu, eta haien jolasei begira geratu nintzen. Barrez, jauzika eta zilipurdika, lelo basati batzuk basatien gisan oihukatzen ari ziren, denak batera. Horretan beren zaratak eta jauziak gelditu zituzten. Izuturik kuzkurtu ziren, eta antsiaz begiratzen zuten ingurura ihesbideren baten bila. Orduan, Begi Gori azaldu zen. Ihes egiten zioten, kuzkurtuta. Denak beldurrez zeuden. Begi Gorik ez zien inolako gaitzik egin nahi izan. Haien artekoa zen. Haren atzean, hanka ihar okertuen gainean, ibiltzeko alde bakoitzean txandaka hatz koskoak lurrean jarriz, Zuhaitzetako Gizonetako eme zahar bat zihoan. Begi Gori biribilaren erdian eseri zen. Ikusten ari naiz oraintxe ere, hau idazten ari naizenean, bekozkoa zimurturik, begiak gori, Zuhaitzetako Gizonen biribilari begiratzen. Eta begiratu bitartean, bere ikaragarrizko hanka kakotua okertzen du eta bere behatz bihurrituaz hazka egiten du sabelean… Begi Gori da, atabismoa. AURKIBIDEA I. KAPITULUA II. KAPITULUA III. KAPITULUA IV. KAPITULUA V. KAPITULUA VI. KAPITULUA VII. KAPITULUA VIII. KAPITULUA IX. KAPITULUA X. KAPITULUA XI. KAPITULUA XII. KAPITULUA XIII. KAPITULUA XIV. KAPITULUA XV. KAPITULUA XVI. KAPITULUA XVII. KAPITULUA XVIII. KAPITULUA
I. ASPALDIKO GARAIETAN BEZALA Buckek ez zuen egunkaririk irakurtzen. Bestela jakingo zuen, noski, zenbait gizon bera eta bere antzeko zakur bila zebiltzala. Zakur indartsu eta iletsuen bila. Artikoan ibilian-ibilian gizonek metal horia bat aurkitu zuten. Geroztik, itsas enpresek eta beste, berri hori zabaldu zuteneko, milaka eta milaka abenturazale abiatu ziren ipar aldera. Gizon hauek zakurrak behar zituzten. Zakur etsiak, indartsuak lan egiteko eta bazter haietako hotza etsitzeko iletsuak. Buck etxe handi batean bizi zen, ibar zabal eta eguzkitsu batetan. Miller jaunaren etxaldean. Etxea zuhaitzez inguratua zegoen. Bertara joateko harri zintzarrez egindako bide bat ikus zitekeen. Etxalde hura oso handia zen. Zaldiak erruz ikusten ziren. Morroientzako etxeak, artzaintzarako belazeak, baratzeak, lorategiak eta abar... Bazegoen bonba bat ere, ura lur azpitik ateratzeko. Eta ondoan urmael eder bat, Miller jaunaren semeak freskatzeko. Buck bazter guzti haietako nagusi bakarra zen. Baziren han, noski, beste zakurrak ere: Toots, edo Isabel, eta foxterrier batzuk ere. Baina Buck ez zen etxe zakur, pilan bizitzeko jaio zen horietakoa. Etxalde guztia berea zuen. Berak eginkizun bereziak zituen. Epaile jaunaren alabei eskolta eman. Edota gauetan epailearen ondoan etzan, su bazter goxoan. Berak zaintzen baitzuen. Bere aita, Elmo ere, epailearen lagunik onena izan zen. San Bernardo zakur handi bat zen hura. Berak, gero, aitaren bidea hartu zuen. Baina aita baino txikiagoa zen gorputzez. Izan ere bere ama, Shep, artzain zakurra izan zen. Baina, han leku egokian bizitzeak eta halako bizimodu onak, eman zion itxurazko aire berezi bat. Ez zen, ordea, zakur etxezulo mimatu horietako bat. Berari kanpoko bizimodu alaia gustatzen zitzaion, ehizan ibiltzea. Mainontzi eta biguna ez izan arren, bizimodu hark berekoia eta harroa bihurtu zuen. Honelakoxea zen, bada, gure zakurra, Klondiken (1897 urteko udazkenean) urrea aurkitu zutenean. Han zihoazen ipar izoztura mundu guztiko gizonak. Baina, lehen esan dugu, Buckek ez zuen egunkaririk irakurtzen eta ez zekien delako Manuel izan zitekeenik etsairik handiena. Manuelek lore baratza zaintzen zuen eta bazuen grina bat: Txinako loteriara jokatzea. Egun hartan, epaile jauna ez zen etxean, ze mahats langileen bilera batean baitzen. Mutil bakoitzak bazuen nahiko lan bere buruarekin eta inor ez zen konturatu Manuelen saldukeriaz. Inork ez zuen ikusi Buck zakurra baratzean zehar eramaten. Zakurra bera ere paseo huts bat zelakoan jarraitu zitzaion. Gizon batek besterik ez zuen ikusi Manuel, College Park izeneko tren geltokira zakurra eramaten. Gizon honek Manuelekin hitz egin zuen eta diru trukean saldu zion. — Zerbait saltzen denean ezkutatuta ekarri behar da — esan zion haserre ezezagun hark. Eta Manuelek soka lodi bat pasa zion zakurrari lepotik. — Bihur ezazu eta zentzurik gabe utziko duzu — esan zion Manuelek. Ezezagunak buruarekin baiezkoa eman zion. Buckek isil-isilik onartu zuen lepotik jarri zioten soka. Harritu zen pixka bat, baina aspalditik gizonengan fede handia zuen. Eta orduan ere, arrazoiak izango zituztela horrela jokatzeko pentsatu zuen. Baina soka haren muturra ezezagunaren eskutara pasa zenean, garrasi egin zuen. Ez zegoen pozik. Bere lehengo munduan adierazpen bat, agindu bat zen. Baina, alderantziaz, soka bere lepoan gogor estutu zen ia ito arte. Haserre eraso zion gizonari, baina honek heldu zion lepotik eta bihurketa trebe bat eginaz, lurrera bota zuen. Soka berriz, ikaragarri estutu zitzaion. Alferrik izan zen Bucken amorraziozko borroka. Sekula ez zuten bizi guztian honela tratatu eta behin ere ez zen hain basati eta haserre sentitu. Baina bere indarrak agortu ziren, begiak kristalezko bihurtu zitzaizkion eta trena geratu zenean, bera konturatu gabe, bagoi batetara bota zuten bien artean. Indar berritu zenean, mingainean mina sentitzen zuen, eta bidaia bat egiten ari zela iruditu zitzaion. Lokomotorak txistu jo zuen. Orduan konturatu zen non zegoen. Epaile jaunarekin ere ibilia zen, eta bazekien kargak eramateko bagoia zela hura. Ireki zituen begiak, eta gorrotoz betetako errege tronurik gabeko baten antzeko keinua egin zuen. Gizona saiatu zen Bucki lepotik heltzen. Baina Buck bizkorragoa izan zen. Eta egundoko hozkada eman zion eskuan. Baina lepotik zeraman sokak zentzua galarazi zion. — Bai, bai — esan zion gizonak treneko arduradunari zarata hartan etorri zenean. Atakeak ematen dizkio. Nire nagusiak aginduta San Frantziskora daramat. Han badago albaitari bat. Berak sendatuko duela uste dugu. Gizon harentzat bidaia hura ez zen batere atsegina izan. San Frantzisko deritzon portuan gizon batekin taberna atzean hitz eginaz hala esan zion: — Ez ditut 50 dolar besterik irabazten! Beste milagatik ere ez nuke honelako ibilaldirik egingo. Zapi odoldu batetan bildua zeukan eskua eta galtzak, berriz, belaunetik beheraino zeharo urratuak. — Zenbat irabazi zuen besteak? — galdetu zion tabernariak. — Ehun. Ez zuen sosik ere merkatu nahi izan. — Ehun eta berrogeita hamar — kalkulatu zuen tabernariak. Balio ditu eta gehiago ere bai. Bestela, ni tonto hutsa naiz. Bahitzaileak eskuko zapia kendu eta esku odolduari begiratu zion: Buckek sekulako mina sentitzen zuen lepo eta mingainean; erdi itota zegoen. Buck bere torturatzaileen kontra hasi zen. Baina hauek, lurrera bota zuten eta oraindik ere soka gehiago estutu zioten. Gero kendu zioten eta enbalatzeko kaxa batean, kaiola antzeko batean, sartu zuten. Han pasa zituen gau hartako orduak, amorrazioz beterik eta bere harrokeria ezin bareturik. Ezin zuen ulertu zer gertatzen zen. Zer nahi zuten ezezagun haiek? Zergatik sartu zuten halako kaiola txar eta hertsi batean? Ez zekien zergatik, baina laster zerbait ikaragarria gertatu behar zitzaiola pentsatzen hasi zen. Gauean ere, aterpe hartako atea irekitzen zen bakoitzean, oraindik ere salto batean altxatzen zen. Eta pentsatzen zuen Miller epaile jauna edo bere mutilen bat azalduko zitzaiola. Baina alferrik. Tabernariaren aurpegi sebotsua, erdi ilunetan bera zaintzera etortzen zelarik. Orduan eztarritik gora hasten zitzaion zaunka alaia bertan ito eta oihu haserre bihurtzen zitzaion. Baina tabernariak ez zuen haserrarazi. Hurrengo goizean lau gizon azaldu ziren eta kaiola bizkarretan hartu zuten: “Oraindik ere torturatzaile gehiago”, pentsatu zuen Buckek; eta, benetan, hala ziruditen, beren mutur beltz eta jantzi zarpail haiekin. Ate burdinen atzetik amorrazioz zaunka egin zien. Baina gizon haiek, barre egin zuten. Baita ere, noizbehinka, makil batekin xaxatzen zuten haserrarazteko. Buckek makila hura harrapatzen nahiko lanak bazituen. Azkenean konturatu zen bera zirikatzeko egiten zutela. Eta besterik gabe, etzan zen, eta kaiola gurdi batean sartzen bakean utzi zien. Ordutik aurrera, bera eta bera zeraman kaiola eskuz esku aldatuz joan zen. Garraiatzaileak beste bagoi batera igo zuten; kamioi batek beste hamaika kaxekin batera, lurrin bapore batera eraman zuen; handik berriro trenbide bateko depositu batera itzuli zen. Azkenean tren batek eraman zuen. Hantxe joan zen tren hura bi egun eta bi gauen buruan, lokomotora zaratatsu batzuk garraiatua. Ez zuen ez jan eta ez edan. Bere amorru bizian, bertako langileen keinu guztiei zaunkaz erantzuten zien. Hauek berriz, orduan, barre eta iseka egiten zioten. Kaiola burdinen kontra dardaraz eta bitsa zeriola jaurtitzen zen bakoitzean, besteek barre egiten zioten. Zakur zaunka itxura egiten zioten. Bera konturatzen zen iseka egin nahi zutela. Baina orduan eta haserreago sentitzen zen bere harrokeriagatik. Bere amorrua gehiagora joaten zen. Ez zitzaion gosea hainbeste axola, baina egarria bai, hori bai. Horrek oraindik ere erotzeraino haserretzen zuen. Urduri eta hain sentibera jarri zelarik, horrek guztiak halakoxe sukar egonezin bat erakarri zion. Gauza batek pozten zuen, behintzat: sokarik ez zuen lepotik. Kendu egin zioten. Berarekin lehen erraz menderatu zuten. Orain, ordea, ez zuten gehiago oinperatuko. Ez zioten barrerik gehiago egingo. Horretaz ziur zegoen. Ez zioten berriro halako soka zerririk lepotik ipiniko kaiolatik irtetean. Bi egun horien buruan ez zuen ez jan, ez edan. Baina hainbeste umilazio egin ziotelarik, bere etsaiekiko gorrotorik zorrotzena pilatu zuen barnean. Ez zen giro izango haren aurrean jartzen zen lehenengo pertsonarentzat. Begiak ere odol bizitan bihurtu zitzaizkion. Bene-benetan, animalia basati bat bihurtu zen; hain aldatua zegoelarik, ez zuen hura ezagutu ere egingo epaile jaunak berberak ere. Burdin bideko langileak ere lasaialdi ederra hartu zuten, zakur hura, azkenean, Seattle herrian deskargatu zutenean. Beldurrez eraman zuten arrastaka lau mutilek kaxoi hartan patio hertsi batera; horma altuak zituen patio itxi batera. Han bazegoen gizon lodi bat, zamarra gorriarekin. Buckek hura ikusi zuenean, pentsatu zuen: — Horra, dudarik gabe, hau ere beste torturatzaile bat izango da. Eta kaiola barroteen kontra jaurti zen. Gizonak irribarre hotz eta maltzur batez erantzun zion. Eta esku batean aizkora eta bestean eskumakila hartu zituen. — Ez duzu, noski, orain askatuko, ez da? — galdetu zion mutil batek zamarra gorridun gizonari. — Bai, noski — erantzun zion gizonak. Eta aizkorarekin dinbi-danba kaiola puskatzen hasi zen. Lau gizonek, beldurraren beldurrez, ihes egin zuten, eta horma gainera igo ziren gerta zitekeena ikusteko. Buck hozkaka hasi zen erdi puskatutako egurren kontra. Gizonak kolpe bat ematen zuen bakoitzeko, han zegoen bera bere hortz eta haginak non finkatuko. Gizona bezain gogotsu zegoen kaxa zahar hartatik kanporatzeko. — Hala, ero hori — esan zion zamarra gorrizko gizonak zuloa ireki zuenean, atera hadi. Agudo. Eta aizkora ezkerrera paseaz, eskuinean eskumakila hartu zuen. Buck atera zen etsai amorratu bat bezala, eta prestatu zituen gorputzeko gihar guztiak herio saltoa egiteko gizonaren aurka: ilea tente eta bitsa zeriola, begiak odol bizitan. Itsu-itsuan salto latza egin zuen zamarra gorridun gizonaren aurka. Salto bizian, oraindik ere airean zegoela eta bere hortz amorratuak tinkatzera zihoan une berean, hartu zuen hezurretan kristoren makilakada eta kolpeak geldiarazi zuen. Bere hortzak min batean hertsi ziren. Eta besterik gabe, lurrera erori zen. Behin ere zigorrada bat hartu gabekoa zen, eta ez zekien garbi zer gertatu zitzaion. Eta berriro oihu bizi eta garratz bat jaurtiaz, eraso zuen. Beste zartada gogor eta latz batek geldiarazi zuen bertan kolpean. Orduan hain itsua zegoenez gero, beste bi aldiz jaurti zen gizon haren kontra. Beste birritan kolpe berri batek geratu zuen, eta lur gogorreraino makurtu zuen. Gehiegia izan zen beretzat. Eta ia ezin altxa zela utzi zuen. Ia ez zuen indarrik borrokarako. Zutitu zen nolabait. Eman zituen pauso batzuk, ahal zuen eran, odolduta, belarrietatik odola zeriola, ile guztia ere odoletan. Inguratu zitzaion gizona eta muturrean ikaragarrizko zigorrada eman zion. Orduko kolpe guztiak txikiak ziren haren ondoan. Marru latz bat botaz abiatu zen gizon zamarra gorridunaren aurka. Baina honek ez zion beste kolperik eman. Heldu zion matrail hezurretatik eta jira bat emanaz, muturrez behera lurraren kontra bota zuen. Azkeneko aldiz eraso zuen. Orduan gizonak, kolpe sekretu bat, orain arte erabili ez zuen bat, eman zion eta Buck lurrean etzan zen zentzurik gabe. — Hori duk, hori, txakurrak bezatzea, — esan zuen horma gainetik mutil batek. — Hori, hori – erantzun zion besteak. Poliki-poliki, Buck zakurrak zentzua bereganatu zuen, baina ez indarra. Han geratu zen lur gainean zamarra gorrizko gizonari begira. — Buck du izena — esaten zuen honek eskutitz bat irakurriaz. Beno, Buck — esaten dio irribarrez—. Borroka pixka bat egin dugu, baina ez da ezer ere. Ez dadila gehiagora pasa eta kito. — Bazirudien umore ona zuela. Zuk ikasi duzu zein den zure lekua eta zein den nirea. Porta zaitez ondo eta hobekiago ibiliko zara. Bestela hezurrak hautsiko dizkizut. Ulertu al duzu? Hori esaten zion bitartean, inongo beldurrik gabe, lehen hain gogor jo zuen zakurraren burua ferekatu zuen. Buckek ez zuen erantzunik eman. Baina gizonak edateko ura ekarri zionean, gogoz eta gustura edan zuen. Hurrena berak ekarritako haragi ugari eta gozoa irentsi zuen. Galdu egin zuen; bazekien. Baina ez zegoen azpiratua. Behin betirako ulertu zuen, ezin zezakeela ezer zigorra zuen gizon baten kontra. Ongi ikasi zuen, eta ez zuen gehiago ahaztuko. Egunak joan egunak etorri, beste zakurrak etorri ziren: batzuk soka sinple batez; besteak kaiolatan, bera bezala. Denak pasatzen ziren zamarra gorrizko gizon haren eskutatik. Behin eta berriro ikusi ahal izan zuen hark eman ohi zuen egurra. Eta ikasi, ongi ikasi ere ikasgai hura: gizon batek makila eskutan duela, erne ibili: bere esana bete behar da. Beharbada zurikeriak egin ere bai. Buck, noski, ez zegoen prest horrelako gauzarik egiteko. Baina bat baino gehiago ikusi zituen, isatsa mugituaz gizonari diosala egiten. Zakur bat ere ikusi zuen zigorpean hiltzen, gizonaren legera jarri nahi izan ez zuelako. Noiz behinka zenbait gizon azaltzen zen, zamarra gorridunarekin hitz egitera. Holakotan, diru truke zenbait zakur eramaten zituzten. Buckek beti bere kolkoan zera zioen: “Nora ote daramatzate zakur horiek?”. Berak geroari bazion beldurra. Eta aukeratzen ez zuten bakoitzean asko pozten zen. Baina halako batean, hara nondik nora gizon ximur batek berari begira esaten duen: — Hau duk zakurra, hau! Zenbat balio du? — Hirurehun. Eta ez pentsa garestia denik — erantzun zion zamarra gorrizko gizonak. Eroslearen izena Perrault zen. Eta ez zitzaion garesti iruditu. Bazekien hark oso goitik jotzen zuela zakurren diruak. Perraultek oso ontzat jo zuen zakur hura. Milen tartean behin azaltzen diren horietakoa. Esan bezala, diru trukean, nagusiz aldatu zen Buck eta beste zakur bat, CurIy izenekoa. Han joan ziren ximurrez jositako gizon harekin. Orduan ikusi zuten azkeneko aldiz, zamarra gorrizko gizona. Eta bi zakurrek besterik gabe, begirapen triste batez, hego aldeari agur egin zioten. Perrault honek, gizon handi-mandi bati eman zizkion zakurrak. Frantzisko zuen izena. Bucki ez zitzaion gehiegi axola izen hori. Ez zituen maite, baina errespetu latza sentitzen zuen haiengan. Jatorrak ziruditen, lasaiak. “Narwhal” izeneko itsasontzi batera sartu zituzten. Hango bodegan beste zakur batzuekin topatu ziren. Bazen bat, handi handia, elur txuria bezain txuria. Irribarretsua zen baina beti tranpak egiteko prest zegoen. Adibidez, batzuetan Bucken janaria osten zuen. Beste zakurra tontoagoa zen, eta ez zen inorekin sartzen. Ez zen gauza inoren janaria lapurtzeko. Bakarrik egon; besterik ez zuen nahi. Eta hori, bai, hori lortzeko borroka egitera prest zegoen. Dave zuen izena, eta egon eta lo egin besterik ez zuen egiten. Itsasontzia han zihoan gau eta egun, aurrera eta beti aurrera. Egun guztiak berdinak ziren. Makinen dardara besterik ez zen nabaritzen han barruan. Baina Buck hasi zen konturatzen alderdi berri haietan hotz gehiago egiten zuela. Gero eta gehiago. Azkenik egun batean itsasontziaren helizea geratu zen. Narwhal izeneko itsasontzian egonezin berri nabaritzen zuen. Zakurrak konturatu ziren, laster, berriro aldaketaren bat inguratzen zela. Franziskok, sokak jarri ontzi gainera eraman zituen. Buckek lur hotz hartan lehenengo pausoak eman zituenean, bere hankak zerbait txuri eranskorrean sartzen zirela konturatu zen. Atzeraka eman zuen pauso bat. Gauza hori berbera erortzen zen goitik behera. Astindu zuen bere ilea, baina gero eta gehiago erortzen zen. Usnatu zuen, eta mingainarekin frogatu ere bai. Suak bezala berotzen zuen, baina gero desegin egiten zen. Berriro esperientzia bera egin zuen eta ondorioak berberak izan ziren. Begira zeuzkan gizonak eta barrez lehertzen jarri ziren hori ikusita. Buck, berriz, lotsa-lotsa eginda. Zergatik ordea? Hain zuzen, lehenengo aldiz elurra ikusten zuen. II. EGURRA ETA HAGINKADAREN LEGEA Bazen inguru haietan Dyea izeneko hondartza bat. Han egin zuten lehenengo eguna, Buckentzat beldurgarria izan zen. Une bakoitzean zer gerta ere ezin zitekeen jakin. Kolpe batez, mundu zibilizatu batetik atera eta aspaldiko legeetara bota zuten. Geroztik bere bizitza ez zen izango lehen bezain atsegin eta lasaia. Orain ez zegoen ez deskantsurik, ez ziurtasunik. Dena nahasketa bat zen; une batean eta konturatu gabe, gal zitekeen bizia edo hanka bat. Erne egon beharra zegoen, zeren gizon eta zakur haiek ez baitziren fidatzekoak. Basati hutsak baizik. Denak berdinak ziren, eta ez zuten egurra edo haginkadaren beste legerik ezagutzen. Ez zuen behin ere halako zakur borrokarik ikusi. Hantxe ikusitako gertakari hark ileak tente jarri zizkion. Egia esan, asko balio izan zion. Ez, noski, berari gertatu balitzaio, ez baitzen bizirik aterako esperientzia hartatik. Hain zuzen Curly, bere zakur lagunari pasa zitzaion. Gertakari penagarria benetan. Curly zakur hau, hain maitagarria izanik, han inguratu zitzaion beste zakur bati: husky arrazakoa, eta otso handi baten neurrikoa. Hala ere, bere erdia baino gehiago ez zen izango. Inongo abisurik gabe, delako husky horrek eraso zuen izugarrizko haginkada bat emanaz: Curlyren aurpegia alderik alde ebakitzeraino. Eta besterik gabe, txakur hark alde egin zuen. Horrela borrokatzen dira otsoak ere: lehenengo eraso, eta gero alde egin. Une berean beste 30 edo 40 husky inguratu ziren borroka lekura. Buck harrituta zegoen husky sail haren isiltasuna eta bere miazkatze gozo haiek ikusiaz. Curlyk ekin zion etsaiari baina honek, beste haginkada ikaragarri bat emanaz alde batera salto egin zuen. Hurrena ere, berriro Curly zoritxarrekoak eraso zioenean, husky horrek bularrarekin geratu zion kolpea eta halako mugimendu berezi baten bidez, bota zuen lurrera, gehiago ez altxatzeko. Honen zain zeuden beste 30 edo 40 zakurrak. Zaunka jaurtiki ziren eta haien azpian ezkutatu zuen Curlyren gorputza. Dena izan zen ustekabekoa eta une batekoa. Buck zeharo harrituta. Bazen han Spitz izeneko zakur bat. Gertatutakoa ikustean irribarre egin zuen. Une berean Frantzisko aizkora eskutan zuela han joan zen zakur taldearen erdira. Berarekin beste hiru gizon ere hantxe inguratu ziren eskumakilak zituztela. Bi minututan astindu eta desegin zuten zakur talde hura. Baina zakurra han zegoen lurrean, hilda, deseginda. Frantzisko biraoka hasi zen, baina alferrik eta berandu. Egun askoren buruan Buckek ezin izan zuen gustura lo egin. Beraz, orain bazekien han nola egiten zen borroka. Erortzen zenarentzat ez zegoen errukirik. Ez joko garbirik. Spitz zakurrak, berriro mingaina atera zuen, eta berriro irribarre egin. Buckek hori ikusi zuenean, bere kontra izugarrizko gorrotoa hartu zuen. Susto hartatik bizkortu baino lehen, Buckek beste bat ere izan zuen. Larruz eta gerriko belarriz egindako zakur-tresna bat zen. Halakoak ikusiak zituen Miller epailearen etxean zaldientzat. Geroztik zaldi haiek bezala lan egin beharra izan zuen, lera garraiatuaz Frantziskorekin. Mindua sentitu arren bere barruan, bazekien onena isiltzea zela. Bere ekintzan gogor saiatzen zen. Frantzisko gogorra zen eta zigorraren bidez inposatzen zuen bere legea. Dave zen beste zakur baten izena. Buck nahasten bazen horzkada botatzen zion atzeko hanketara. Buck aurrean joan ohi zen. Eta ezin zion Daveri haginkadarik bota. Spitz zen bestea lerarekin ibiltzen iaioa zenez, bere pisua Buckengana botatzen zuen, hau bide okerretik hasten zen bakoitzean. Beraz, gure Buck zakurrak, bi haiekin eta Frantziskorekin ikaragarri aurreratu zuen. Kanpamendura itzuli zenerako bazekien “so” esateak, gelditzeko esan nahi zuela eta “arre” hitzak abiatzeko. Kurbak, bihurguneak zabalak hartu behar zirela, eta goitik behera takatan abiatzen zirenean inguruko zakurretatik urruti mantendu behar zela. — A ze hiru zakur ditugun — esaten zion Frantziskok Perraulti. Buck honek, deabru batek baino gehiago tiratzen du. Arratsalde hartan, Perrault jauna, beste bi zakurrekin itzuli zen. Bere izenak: Billee eta Joe. Anaiak ziren eta husky odolekoak. Baina bata eta bestea, zein baino zein desberdinagoak. Billee, oso umore onekoa zen, beharbada, leku haietako onegikoa. Joe, berriz, zeharo alderantzizkoa zakarra eta erretxina. Ezer gabe kurruxka egin ohi zuen esne txar horietakoa. Buckek irribarrez onartu zituen. Davek ezikusia egin zien. Spitz ordea, lehenengo saiatu zen batekin borroka egiten eta gero bestearekin. Billeek adiskideki buztana mugitzen zuen. Baina ihes egin ere bai, hori alferrik zela ikustean. Negar ere egin zuen Spitz txarraren haginak bere saihetsetan finkatu zirenean. Han hasi zitzaion Spitz, Joeri jira biraka. Baina honek bere ileak triku antzera jarriaz, kontra egiten zion, hortzak eta begiak maltzurki erakutsiaz. Ez zen hura txantxetako zakurra. Haren itxura beldurgarriak atzeratu zuen Spitzen gogoa. Baina gero, bere anaiarekin nahi zuen guztia egiten zuen. Kanpamendu guztian atzetik jazarriaz, jazartzen zion, koska eta burla. Ilunabarrean Perraultek oraindik ere beste zakur bat ekarri zuen, zaharra, argala, mutur guztia zauri markaz betea eta horrez gainera, begibakar. Sol-Leks zuen izena. Zakur artera sartu zenean, inor ez zen haren kontra jarri. Spitz berak ere bakean utzi zuen. Bazuen berezitasun xelebre bat. Eta hau zen: ez zitzaion gustatzen begi falta zuen lekutik inor inguratzerik. Buckek ere laster ikasi zuen hori. Zeren eta, asko pentsatu gabe, handik inguratu zitzaion bezain laster, haginkada latz batez bularra odoldu zion. Ordutik aurrera ez zitzaion gehiago handik inguratu eta geroztik ez zuten haserre txikirik ere izan. Sol-Leks horrek bakean uztea nahi zuen, besterik ez. Gau hartan Buckek ez zuen erraz lo egin. Zelaian ikus zitekeen kanpamendua kandela baten argipean, goxo-goxo. Han sartu zen, baina laster eraso zitzaizkion Frantzisko eta Perrault, biraoka eta erratz kolpeka. Ez zuen asko pentsatu han egon ezin zitekeenik. Haize hotzak ebakitzen zituen bazterrak. Bere bizkar minduan nabaritzen zuen batik bat. Elurretan etzan zen. Ez alferrik. Han ezin zen lorik egin. Abiatu zen denda tartean, batera eta bestera, non epelago aurkituko. Baino gero eta hotzagoak aurkitzen zituen lekuak. Zakur basatiekin ere topatu zen. Baina ileak tente jarriaz, aurpegi ematen zien eta ahal zuen sendoen kurruxka eginaz. Denak pasatzen uzten zuten. Harritzekoa zen zein ondo ikasi zuen bere burua defendatzeko modua. Azkenik zera bururatu zitzaion. Lehengo lekura itzuli eta besteak zer egiten zuten ikustea. Baina, hara, bere harridura: han ez zegoen inor. Denak desagertu ziren. Abiatu zen alde batetik bestera, lehengo lekura itzuli arte. Non ote zeuden? Denda barruan, agian? Ezin zitekeen, bestela bera ez zuten era txar hartan bidaliko. Non, orduan? Bere buztana tristeki hanka tartean sartuaz, kanpamenduaren jira bira hasi zen. Halako batean, bere hankapean elurra desagertzen zela kontura zen. Azpian zerbait mugitu zitzaion. Jo zuen atzera, urduri eta kizkurtua, zer ote zitekeen beldurrez. Baina intziri triste bat entzun zuen eta honek zer ote zen ikustera animatu zuen. Lurrin epel laino bat igo zen bere muturreraino: han zegoen Billee, lotan elurpean. Mogitu zen apurtxo bat, lagun zuela adierazteko eta muturra milizkatu ere egin zion Bucki. Hara gero nondik. Beraz, horrelako lekutan lo egiten zuten zakurrek? Ongi, Buckek ahalegin gogorra eginaz, egin zuen beretzat zulo berri bat. Sartu zen han. Laster, gorputzeko epeltasunak zulo hura gozatu zuen bezain laster, Buck lo seko gelditu zen. Eguna luzea izan zenez gero, Buckek sakon eta egoki lo egin zuen. Amets batzuk gora behera, baina ongi. Kanpamenduko zaratarekin esnatu zen. Aurrena ez zekien non zegoen ere. Elurra egin zuen gauez, eta zeharo elurpean zegoen. Elurrak, zeharo estaltzen zuen eta beldurtu ere egin zen, tranpa bat ote zen pentsatuaz. Zakur basatiak beti izan ohi dute tranpetan erortzeko beldur ikaragarria. Seinalea noski, pixkana-pixkana, berriro ere bere aurreko arbasoen egoera ez zibilizatura itzultzen ari zela. Berak zakur zibilizatua izanik, ez baitzuen tranpa eta horrelakorik ezagutu. Gogortu zituen bere gorputzeko gihar guztiak, eta bere bizkar zabala astinduaz, laino bat bezala airean bota zuen bere gaineko elur txuria. Berehala ikusi ahal izan zuen egun berriaren argi dirdiratsua. Orduan, gogoratu zituen zuloa egin zuenetik gerora gertatutako gorabehera guztiak. Frantziskok ikusi zuenean, zera adierazi zuen: — Ikusten nik diodana. Buck zakur honek dena ikasten du, eta azkar gainera! Perraultek ez zion ezezkorik esan. Bera zen, zirudienez, Kanadako gobernuaren posta eramaile. Horretarako zakur onenak behar zituen. Beraz, pozik zegoen Bucken nagusia zelako. Beste ordubeteren buruan, hiru zakur berri elkartu ziren zakur-talde berean. Beste hiru husky. Beraz, denetara bederatzi baziren. Ordu laurden bat pasa baino lehen zakur-tresnak jarrita abiatu ziren Dyea izeneko mendi lepora. Pozik abiatu zen Buck. Lana gogorra zen, baina ez zitzaion etsi ezina iruditu. Denak animatuta zihoazen, harritzeko gauza. Bera ere berehala animatu zen. Dave eta Sol-Leks bi zakurrak zeharo antzaldatuta zeuden Zakur-tresnak jarri bezain laster, beste batzuk ziruditen. Galdu zituzten lehengo egon beharra eta arduragabekeria guztiak Besterik ez zuten gogoan: bidaia ondo egin, guztion artean lana arinduaz egin, eta norbait nahasten bazen haserretu egiten ziren. Bidean zeramaten ekiteak zirudien haientzat zela helburu bakarra. Hura ondo egin, hori eta besterik ez. Dave Bucken aurretik lotua zihoan eta atzetik Sol-leks. Beste guztiak ilaran zihoazen, Spitz lehenengoa zelarik. Buck, bi zakur hauen artean jarri zuten, ikas zezan. Bera ikasle ona baldin bazen, bere bi irakasleak ere ez ziren txarragoak. Ez zioten bi aldiz huts egiten uzten, eta haginka erakusten zioten bestela. Dave zorrotza zen. Baina ez zion behin ere arrazoirik gabe Bucki koskarik egiten. Eta, noski, Frantziskoren zigorrak beti Daveri ematen zion arrazoia. Halako batetan geldiune bat egin zutenean, Buck, aho soka tartean nahaspilatu zen. Eta bi zakur lagunek egur galanta eman zioten. Baina egun hura bukatu zenerako, lana ederki asko ikasi zuen eta zakur lagunek ez zioten ez begiratu txarrik ez koskarik egiten. Perrault bera ere harritua zegoen eta Bucken hankak begiratu zituen, nola zeuden ikusteko. Mendi lepoa igarotzen egun osoa behar izan zuten. Hainbeste traba aurkitu baitzituzten. Haien artean, pasa beharra izan zuten Chilkoot mendikatea. Hark zatitzen ditu ur geza eta gazia eta arretaz zaintzen dut ipar alde triste hura. Eguraldi ona izan zuten itzalitako sumendi gaineko krater eta bertako zingirak pasatzen zituzten bitartean. Gau erdi aldera iritsi ziren, azkenik, Bennet zeritzan laku ingurura. Kanpamendu zabal bat ikus zitekeen han. Jende asko bizi zen, urre bila joandako jendea noski, negu guztiak itsasontziak egiten jarduten zuten, gero udaberrian, edo izotz-urtze garaian erabiltzeko. Buckek egin zuen lurrean bere zuloa eta nekatua zegoenez, sakon egin zuen lo; baina hurrengo goizean, oso goiz, esnatu eta beste lagunekin batera, lotu zuten berriro elur-lerari. Egun horretan hirurogeiren bat kilometro igo ziren gorantz, bidea ona baitzegoen. Baina hurrengo eguna ez zen hain egokia izan, ez zegoen, bada, bide eginik, eta beraiek, nolabait egin behar zuten hura. Normalki, Perrault jauna aurretik joan ohi zen, txakurren bide irekitze hura errazteko. Frantziskok elur-lera gidatzen zuen, eta batzuetan Perraulti txanda hartzen zion. Perraultek presa zuen eta harro zihoan bere trebetasunak jela gainean azalduaz. Dena behar baitzen han, zeren udazkeneko jela oso mehea baita; leku batzuetan ez baitzen izotzik ere ikusten. Egunak etorri, egunak joan, Buck saiatu zen benetan bidaia ona egiten. Beti, goiz, oso goiz abiatzen ziren, goiz argitu aurretik. Lehenengo argiak, zenbait mila eginda gero harrapatzen zituen. Iritsi berriz, gaua sartuta gero. Arrain pusketa bat jan eta elurpeko zulotan lo egiten zuten. Buck goseti zegoen. Libra eta erdi izokin zen bere jan-anoa. Eta sekula ez zuen aski. Tripako minak sarri izaten zituen. Beste zakurrak, ordea, ez ziren hain gorputz handikoak, eta nahiko izaten zuten libra batekin. Ez zen Buck, garai bateko zakur fin eta hezi hura. Polikiegi jaten zuen, eta bere lagunek lehenago bukatzen zuten. Gero, bere anoa puska ere kentzen zioten. Ez zekien zer egin: birekin hasiko zen borrokan, baina, bitartean besteek jaten zioten beste puska. Eta, beste erre- mediorik ez zitzaion geratu: besteak bezain azkar jaten ikasi. Eta bere gosea gero eta handiagoa zen, eta besteena lapurtzen ere ikasi zuen. Behin, han ikusten du Pike, zakur bat, lotsagabea. Perrault atzera begira zegoela urdaia harrapatzen. Hurrengo egunean, berak gauza bera egin zuen. Baina ez zuen pusketa bat bakarrik harrapatu, baizik eta urdai guztia ostu eta jan zuen. Han sortu zen iskanbila ez zen nolanahikoa izan! Arranopola, urdai guztia falta. Baina, inork ez zuen bera izan zitekeenik usaindu. Bazen zakur bat, Dud, lapur fama zuena. Eta harentzat izan ziren bizkarreko guztiak. Orduantxe konbentzitu zen Buck, gauza zela Artiko aldeko baldintza txar haietan ere bizitzeko. Egoera berritara egokitzen erraza zen. Ez zegoen beste erremediorik, noski. Baina batzuk ez dute lortzen. Berak, bai, oso ongi lortu zuen. Han gogorra izan behar zen. Ez zuen balio goxo eta atsegina izateak. Nola bizi, ikasi behar zen. Hegoalde oso desberdina ezagutu zuen berak. Han denak lagunak ziren, elkar maite ziren, eta bakoitza zen bere gauzen jabe, eta norberak zituen bere sentimenduak. Baina Artikoko alderdi haietan, horrek guztiak putza balio zuen. Hutsa, eta lege horietan zebilenak ezin zuen aurrera egin. Barru-barruan, egoera berri harekin oso pozik zegoenik ezin esan dezakegu. Baina, hori bai, moldatu egin behar zen, eta moldatu zen ongi baino hobekiago. Berak ez zuen inorekin borroka egiteko beldurrik. Edozein baino indartsuagoa zen. Baina, txamarra gorrizko gizon haren eskumakilak munduan izan den legerik zaharrena erakutsi zion: indarraren legea. Zibilizazioan zegoenean, agian edozein huskeriagatik bere bizia arriskatu zezakeen. Adibidez, epailea defendatzeagatik; baina, lege berri honek, moralitate kutsuak kendu zizkion. Eta geroztik, bere larruari begiratzen ikasi zuen. Ez zuen lapurtzen lapurtzeagatik. Hori ere ez. Bere sabelak eskatzen ziolako baizik. Ez zuen ia inoren bistan lapurtzen, baizik eta isilpean eta maltzurki. Hitz batean, han egin behar zena egiten zuen, eta beste erremediorik ez zen geratzen. Bizkorra izaki eta azkar ikasi zuen. Bere giharrak gogortu ziren ikaragarri, eta gorputzeko mina zer zen ere ahaztu zitzaion. Edozer gauza jaten zuen, gauza zikina nola gauza garbia. Inondik ez zuen horretarako lotsarik eta, gainera, jaten zuen guztiak on egiten zion. Zakur sendo eta indartsua zen hura, beste inor baino gehiago. Bere ikusmena zorroztu zen eta usaimena ere bai. Edozer gauza ikusi, edozer gauza usaindu. Entzumena ere itxuragabe findu zitzaion. Lotan zegoela ere entzuten zituen zaratak eta baita soinu txikienak ere. Eta laster antzeman ere bai, zarata haien esanahia: edota arriskuren bat zekarten edota bakezkoak ziren. Hortzekin karraska kentzen zuen, behatz tartean egiten zitzaion izotza. Egarria zuenean, aurreko hankarekin jela puskatu eta edaten zuen nahi hainbat. Baina gauza guztien gainetik, zerbaitetan egin zen zeharo artista: gau bat lehenago antzematen zion haizearen norabideari. Ez zen axola, zuloan oheratzean haize izpirik ez bazegoen ere. Hurrena etor zitekeen haizeak, nola atseginak, hala zakarrak, hura beti, zuloan ondo egokitua bilatuko zuten. Esperientziak asko erakutsi zion. Baina, horrez gainera, bere sena ahaztuak, lotan zeudenak, guztiak, denak esnatu ziren. Berehala ahaztu zituen bere aurreko aro zibilizatuak. Esan zitekeen, zakurraren gizaldiz gizaldiko historian atzera jo zuela. Haiek zituzten joera basatiak berriro etorri zitzaizkiola. Haiek taldetan ibiltzen baziren, basoan zehar, eta aurrera zihoazen heinean janaria biltzen bazuten, zakur honi ere, guzti hori gustatzen hasi zitzaiola gero eta gehiago. Ikasi zuen, laster asko, bultzaka, hoska eta otsoak bezala borroka egiten. Honelaxe borrokatzen ziren bere aurrekoak. Berehala nabaritu zuen gorputz guztian odol berri bat. Barruak beste modu batetara irakiten zion. Odolez zetozkion joera, sen guztiak, hain ahaztuak, denak berriro ere bizkortu zitzaizkion. Eta bereganatu zituen, beti bereak izan balitu bezala. Eta gau argi eta baketsutan, izarrei begira jarri eta otsoak bezala uluka hasten bazen, bere arbaso guztiak gogoratzen zituen. Ez zen bera uluka ari zena, bere aitona-amonak baizik, gizaldiz gizaldi honela ari zirenak. Hala, zibilizazioko heziketa hura baztertu zuen, ez zitzaion atsegin. Bere aspaldiko kantuak indar hartu zuen eta honela, Buck berriro, bere onera etorri zen. Beti izan behar zuen nortasunera aldatu zen. Guzti hori, Artikoko gizon urre zale gaizto haiei esker. Eta Manuel lore zaintzaile hark, etxeko emazte eta haurren gosea kentzeko adina irabazten ez zuelako. Eta abar eta abar... III. ANTZINAKO SENA NAGUSI Antzinako sen basatiak ziren Buckengan nagusi. Bizimodu latz hartan, hazten eta hazten joan ziren, gainera. Maltzurkerian ikasi zuen eta horrek bere buruarekiko halakoxe ziurtasun eta oreka ematen zion. Egin baino lehen gauzak pentsatu egiten zituen. Spitzen kontra zuen gorroto huri eusten ere izan zuen hamaika lan. Spitzek ere barruan bazekien, Buck zela bere bidean atera zitzaion etsairik handiena. Eta horregatik egun guztian zirikatzen zuen, borroka bat nahi zuelako. Eta garbi zegoen, borroka hartatik, bien arteko bat hilko zela. Eta ia hori berbera gertatu zitzaien ibilaldiaren hasieran. La Barge izeneko laku baten ondoan kanpamendua jarri beharra izan zuten. Eguraldi txarra eta elurtsua baitzegoen. Dendak ere aurreko herrian utzi zituzten, pisua arintzeko. Harkaitzezko horma ebaki eta altu baten ondoan gelditu ziren. Piztu zuten, bada, sua. Gero, hura ere itzali zen eta iluntasunean afaldu beharra izan zuten. Buckek, beti bezala, lo-zuloa egin zuen eta hantxe epel-epel jarri zen. Frantziskok arraina banatu zuenean, hamaika kosta zitzaion goxotasun hartatik mugitzea. Baina janda gero itzuli zenean, lo-zuloa okupatua aurkitu zuen. Nor izan zitekeen eta Spitz zegoen barruan. Alu aiena! Ordura arte barkatu zizkion hamaika gauza, baina hura ezin zuen pasa. Amorrazioz betea kristoren saltoa eman zuen bere kontra. Spitz bera harritua zegoen, ez zuen uste, bada, gauza zenik honela haserretzeko Buck. Buck ere prestatu zen borrokarako. Ez zen makala izango. Baina une horretan gauza harrigarri bat gertatu zitzaien. Ustekabean, kanpamendua zakur gosetuez bete zen. Gutxienez baziren ehun zakur husky odolekoak. Haiek bai usaindu ondo janarien gozoa. Eta han eraso zuten kanpamendua. Tristura ematen zuen halako zakur hezurtsuak ikusteak. Peraultek ikusi zuen lehenengoa janari kaxa batean muturra sartuta. Han izan ziren iskanbilak. Hartu eskumakila eta saiatu ziren uxatzen. Baina ezin. Hain zeuden gosez beteak zakur alu haiek! Baina, hain zeuden gosetuak, han jarraitu zuten azkenengo apurra jan arte. Zakurrak ere atera ziren lo-zuloetatik ea zer gertatzen zen ikustera. Hura zen gero! Azaldu ziren bezain laster, haien kontra bota ziren husky gosetuak. Arrokazko hormaraino atzeratu ziren haiek. Buck bera ere hiruren artean eraso zuten, bular guztia odoltzeraino. Nahaste latza sortu zen. Billee, negarrez zegoen. Dave eta Sol-Leks odoletan, baina borroka gogorrean. Joek haserre bizian izugarrizko haginkadak botatzen zituen eskuin ezkerrera. Eta haietako bati hankan eman zion koska gogor bat. Pike, zakur lapurra bere gainera erori zen eta zartada batean lepoa ebaki zion. Buckek heldu zion lepotik husky ihar bati eta lepoko zaina moztu zion. Beste bati eraso zion eta orduan, ustekabean, bere haragitan hagin zorrotz batzuk nabaritu zituen. Spitz bera zen, traizioz erasotzen ziona. Eraso hura menderatu zutenean, Perrault eta Frantzisko, ordena jartzen hasi ziren. Gelditu ziren janariak jaso, gorde eta abar. Baina zakur amorratu haiek berriro ere etorri ziren. Bertako zakurrak inguratu zituzten. Billeek desesperazio hartan, indar berriak harturik horzkadaka eta haginkadaka ingurune hura hautsi zuen eta ihes egin zuen baso aldera. Laster jarraiki zioten Pike eta Dubek ere. Haien atzetik abiatu nahi izan zuen Buckek ere. Zeharka begiratuaz ikusi zuen nola bere gain botatzen zen Spitz, lurrera botatzeko asmotan. Bazekien behin lurrera eroriaz gero, ez zegoela bizitzerik. Triskatuko zuten denen artean. Baina lortu zuen aldegitea, eta basoan barna besteen atzetik joan zen. Gero bederatzi zakurrak saiatu ziren basoan lo-leku egoki bat aurkitzen. Ikustekoak zeuden guztiak ere. Denak zeuden zaurituak, batzuek gutxiago baino besteak zauri gogorrekin. Bularra urratuta, besteak belarria txikituta eta abar... Eguna argitzen hasi zenean, atzera itzuli ziren kanpamendura. Tristea zegoen, noski. Baina zakurrak, gutxienez, joanak ziren. Ez, noski, izugarrizko pikardiak egin gabe. Janari erdia falta zen. Janari usaia zuen edozer gauza jan zuten, kanpamenduaren zati bat ere bai, Perraulten mokasin zati batzuk ere bai... Frantziskok ikusi zituen zakurrak itzultzen. Haien egoera ikusiaz zera esan zuen: — Ai gaixo horiek. Ez nintzateke batere harrituko amorrua harrapatuko bazenute, batzuek behintzat. Zer dirudizu, Perrault? Perraultek ez zion hitzik erantzun. Oraindik 400 kilometro gelditzen ziren Dawsonera iristeko. Amorrua harrapatzen ba zuten, ez zen giro izango. Nola joan harantz? Bi ordu behar izan zituzten, zakur-tresnak txukuntzen eta konpontzen, Hamaika birao galdu zen lainotan. Gainera zetozen milak zailenak ziren. Thirty ibaia ez zen jelatu. Uholde bat bezala jaisten zen mendian behera, eta txokotan bazegoen jela pixka bat, baina besterik ez. Hamaika aldiz, Perraulten hankek desegin zuten hankapean jela hura. Eskerrak zeraman makila bati. Zuloa egiten zitzaion bakoitzean, makila hura zeharkatuaz salbatzen zen. Baina uretan bustitzen ziren bakoitzean, sua piztu beharra izaten zuten, izoztuko ez baziren. Leku hotzak ziren haiek, 20 gradu zero azpitik. Ez zegoen indarrik, ez zailtasunik Perrault jauna geratuko zuenik. Horregatik izan zen Kanadako Gobernuaren posta eramaile aukeratua. Goizetik gauera lan egiten zuen. Lakuaren bazter arriskutsuak pasa zituzten, hankapean jelak kris-kras egiten zuelarik. Halako batean, lera bera ere, ia ur azpiraino sartu zen, Dave eta Buckekin batera. Atera zituzteneko, ia itoak zeuden. Lehortu, eta sua eginaz han epeldu zituzten. Hogeitamar mila egiten sei egun behar izan zituzten. Beste batean, Spitz ere erori zen, atzetik beste guztiak atoan eramanez. Buckek ordea, hankak tinkatu zituen, Davek ere bai, eta atzetik Frantziskok. Komeriak orduan ere. Une batetan, elur-leraren atze aurre guztia, jela azpira joan zen. Beste erremediorik ez zegoen. Horma izoztua igo behar zen. Ez zen erraza. Hala ere, Perrault saiatu zen eta baita lortu ere. Azpian zegoen Frantzisko, beldur batean, noiz Perrault amilduko zen goitik behera. Igo zen, igo zuen Frantzisko, gero elur-lera ere bai. Eta zakurrak, bere uhaletatik zintzilika zirela. Jo zuten aurrera, gero berriro jaitsi. Hitz batean, eguna bukatu zen, eta ez zuten mila laurden bat besterik aurreratu. Hootalinquara iritsi zireneko denak jota zeuden zeharo. Bai Buck, baita beste zakurrak ere. Lehen denbora asko galdua zuten eta Perrault-ek, goizetik gaueraino ibilarazten zituen. Asko aurreratu zuten, eta inguratu ziren Five Fingers izeneko alderdira. Buck-en hankak ez zeuden gogortuak. Bere lehengo bizitza erraza hartan bigundu zitzaizkion. Eta izorratu samarrak zeuzkan. Gauean, lotarako ordua heltzen zenean, leher eginda ez zen janari bila ere altxatzen. Frantziskok berak jarri behar zion inguruan. Denborarekin Bucken hankak besteenak bezain indartsuak eta gogorrak bihurtu ziren. Behin, Dolly ur-ertzean zegoen. Dolly zakur mantso bat zen. Baina bat-batean, errabia harrapatu zuen. Bota zuen otso batek bezalako ulua. Eta Bucken atzetik abiatu zen. Honek ez zekien zer zen errabia. Baina beldurturik ihes egin zuen. Atzetik Dolly delakoa, hozka egin nahian. Aurretik Buck, tximista baino bizkorrago, ihesi. Ia bistatik galdu ziren jazarpen gogor hartan. Han nonbait entzun zuen Frantziskori hotsa, itzultzeko deituaz. Eta Buckek hartu zuen buelta eta pasa zen Frantziskoren beso ondotik. Honek aizkora bat zeukan hantxe. Berehala, han pasatzen da Dolly errabiatua ere. Eta danba, aizkorakada batek kendu zion bizia. Nekatua eta lehertua, lerara inguratu zen Buck. Une haren zain zegoen Spitz. Ez dizkio bada, kolpean bere letaginak bi aldiz saihetsean sartzen. Baina han zegoen Frantzisko bere zigorrarekin. Orduan hartu zuen Spitek bere bizitzako jipoirik handiena. Zer esanik ez, zenbat poztu zen Buck. — Deabru bat da Spitz hori —esan zuen Perraultek. — Baina Buckek bi deabruk baino gehiago balio du — erantzun zion besteak. Halako batean haserretuko da, eta Spitz hori txiki-txiki egingo du. Ikusiko duzu. Geroztik bi zakurren arteko borroka irekia gelditzen zen. Batak besteari noiz erasoko une zain egongo ziren biak. Spitz, ordura arte lider hutsa izan bazen ere, garbi ikusten zuen, Buck zakurrak kendu ziezaiokeela nagusitza hura. Ez zion barkatuko. Harrituta ere bazegoen bai, Spitz. Ordura arte ezagutu zituen hego aldeko zakur guztiak bigunak izan ziren, eta gaur edo bihar hil egiten ziren. Baina Buck ez. Eta gainera, gero eta iaioagoa eta nagusiagoa ikusten zuen. Otso zakurrak adinako indarra. Maltzurkeria eta basakeria ikasi zuen. Ondo aski. Maltzurra zen eta bazekien itxaroten, aspaldiko bere aurrekoen aurreko basati haiek bezala. Gaur edo bihar, norgehiagoka etorriko zen. Irabazten zuenak irabazten zuela, hura izango zen nagusi. Buckek nahi zuen noski. Hori zihoakion bere izatearekin. Barru barrutik nahi zuen. Harroak izan ohi omen dira zakurrak. Bai norgehiagoketan, baita lan egiterakoan ere. Han lanean hezurrak utzi behar badituzte ere, nahiago izaten omen dute, lerari arrastaka doazela ezinean hil, handik kenduak sentitzea baino. Harrokeria horregatik zigortzen zituen Spitzek zakur-lagunak, deskuidatzen zirenean. Harrokeria hori bera sentitzen zuen Buckek. Beraz, Spitzen nagusitasunak bazuen kontrario galanta Buckengan. Zenbaitetan, norbaitek zerbait gaizki egiten bazuen, eta Spitz zigortzen hasten bazen, bitartekatuko zen Buck. Hori bera gertatu zen behin, goiz batetan Pike zakur lapurra azaldu ez zelako. Frantzisko atzetik joan zitzaion. Baina hura ezkutuan zegoen, elurpean, egun hartan ez baitzuen lana egiteko gogorik. Spitz, nola ez, haserre bizian zegoen. Emango zion jipoia azaltzen zen bezain azkar. Haren marruak entzun zituen Pikek eta beldur zen ateratzeko. Atera zen bezain azkar, gainera jaurti zen Spitz. Baina, su berdinarekin tartean jarri zen Buck, ukitu ez zezala adieraziaz. Spitzek jo zuen pauso bat atzera eta lurrera erori zen. Berehala zuen gainean Buck, eta txikituko zuen, baina han zegoen Frantzisko bere zigorrarekin, justizia jartzen. Eta eman zion zigorkada sail bat Bucki. Dawson inguruan zen. Eta egunetik egunera Spitz eta Bucken arteko gorabeherak ugarituz joan ziren. Zer gero, norbaitek zerbait gaizki egiten bazuen, Spitz zen beti justizia ipini behar zuena. Nagusia. Buckek, maltzurki gainera, ez zuen hori onartzen. Batik bat, Frantzisko ez zegoenean jartzen zen era horretan. Ez zuen bizkarrekorik hartu nahi. Bucken jarrerak matxinada orokorra ekarri zuen zakur-talde hartara. Gauzak ez zihoazen ongi. Desobedientziak gero eta handiagoak ziren. Berandutzeak ere bai. Frantziskok bazuen nahiko lan. Beti beldurrez zegoen, noiz zaunka bat entzungo begiratzeko ea Spitz eta Buck ziren borrokan ari zirenak. Baina iritsi ziren Dawson aldera, horrelakorik gertatu gabe. Han zakur denek lan egiten zuten. Egurra garraiatuaz alde batetik bestera, zintzoki. Gero gauean, bederatzietan, hamabietan eta berriro hiruretan, uluka egiten zuten asaba zaharrek bezala. Bucki ere asko gustatzen zitzaion. Zazpi egun pasa zituzten Dawsonen. Han utzi zituen Perrautek hamaika eta hamaika posta. Baina, ezin zuen han gehiago geratu. Presazko gutun asko zuen eramateko. Eta abiatu beharra zuen Dyea eta Salt Water aldera. Bidaia azkar egin nahi zuen, sekula baino azkarrago. Harroa zen, eta gainera, oraingo honetan bazituen arrazoiak hori egin ahal izateko. Hain zuzen, zakurrak deskantsatuak zeuden, eta irekia zegoen bidea nahiko trinkoa eta zuzena zen, zeren geroztik jende asko pasa baitzen handik. Gainera, poliziak, jarri berriak zituen, janari biltegiak, bideko jendea pisu gutxiagorekin ibil zedin. Iritsi ziren bada, Sixty Miles izeneko alderdira lehenengo egunean. Bigarrenean Yukon pasa zuten. Egun onak ziren, baina zakurren artean nahiko gorabeherak izan ziren. Lehen esan dugunez, Buckek ez zuen onartzen Spitzen nagusitasuna. Horrek zakur-taldearen hausketa ekarri zuen. Ez zuten lehen bezala leratik tiratzen. Buck horren jarrera ikusita besteak ere harrotu egin ziren, eta ez zuten onartzen Spitzen jauntxokeria. Ez zuten ia haren beldurrik. Behin Pikek janaria lapurtu zion. Hurrengoan Dub eta Joe borrokan ibili ziren bere kontra. Buck bera ere ez zen Spitzen ondoan pasatzen hortzak erakutsi gabe. Hango diziplina pikutara joan zen. Frantzisko bera ere ernegatua zebilen. Ezin zuen zakur haiekin. Garai bateko obedientzia galdua zegoen. Eta Frantziskok bazekien erruduna Buck zela. Eta Buck berak ere bazekien, Frantziskok hori bazekiela. Baina maltzur jokatzen zuen, ez zuen bizkarrekorik hartu nahi. Lana egin bai, egiten zuen, hori zuen bere pozik handiena. Baina, poza gehiago ematen zion, zakurren artean borrokaldi bat jartzeak edo Spitz zirikatzeak. Ilunabar batez, Tahkeena deritzan aldean, untxi bat azaldu zen. Dub txakurrak ikusi zuen lehenengo. Eta bere atzetik abiatu zen jazarpen bizian. Inguru hartan ba zen Polizien postu bat, 50 zakur husky berekin zituena. Haiek, ikusi zuten korrika saio hura, eta atzetik abiatu ziren. Lera-zakur guztiak ere atzetik zituen. Untxia ez zen hankamotza. Lehengo ibai bati jarraiki zitzaion. Gero errekatxo bati. Tximista bezala zihoan hura elurraren gainean. Txakurrak, nahiko lanak bazituzten aurrera joaten. Buck zihoan zakur-taldearen aurretik. Baina ez zuen nahi zuena lortzen. Handik eta hemendik ingurune handiak eginik. Alferrik ordea. Buckek untxia harrapatu nahi zuen, hil nahi zuen. Bera basatia zen. Sen basatiak zituen. Haragia nahi zuen, odola, odol beroa frogatu. Esango litzateke Buck estasi batetan bezala zihoala, bere aurreko arraza guztiak gogoratuaz. Pozik, noiz untxia harrapatuko. Noiz ehiza hura egingo. Bitartean, ordea, Spitz, maltzurragoa izanik, zakur-taldetik atera zen. Eta errekatxoa okertzen zuen lur gune batetik joan zen. Buckek, noski, ez zuen alderdi hura ezagutzen. Eta untxi mamu hura harrapatzeko ingurunea eman zuenean, erreka gainetik nondik ikusten duen, mamu bat ateratzen untxiarenaren bidera. Spitz zen. Untxiak ezin zuen atzera egin eta hortz zuri tartean hilda erori zen. Buckek ez zuen ezertxo ere esan. Ez zen gelditu, eta Spitzen gainera jaurti zen odol bizian. Baina horzkadak hutsegin zion. Behin eta berriro irauli ziren elur hautsetan. Spitz ordea, laster altxa zen. Bazirudien ez zuela oreka ere galdu. Jo zuen atzera kolpea eta bularretan harrapatu zuen Buck. Birritan bere hortz altzairuzkoak hertsi ziren Bucken haragi bizitan. Bien bitartean, posizio berria eta hobea bilatzen zuen, erasotzeko. Buckek ulertu zuen. Iritsi zen ordua. Borroka hura heriotzarekin bukatuko zen. Edo berea edo bestearena. Lehen, jira biraka untxiaren atzetik ibili ziren bitartean, hutsa, hura jolasa iruditu zitzaion, jolas ezaguna. Baina orain, gauza desberdina zen. Dena isilik zegoen. Haize leunik ere ez zen nabaritzen. Husky zakur talde guztia atzetik zegoen. Haien arnas estua besterik ez zen entzuten. Dagoeneko jan zuten untxia. Eta han zeuden zain, borroka hiltzaile haren zain. Begiak bizi, isil-isilik. Bucki egoera hura beti bizi izan balu bezalakoa iruditu zitzaion. Spitz etsai bizkorra zen. Bere bizian zehar, zakur askorekin borrokatutakoa. Behin ere galdu gabekoa. Oraingo honetan galdu behar ote zuen, bada? Ez zuen kolperik emango hark, horretarako prest ez bazegoen. Alfer alferrik saiatu zen Buck, zakur zuri handi haren lepoan bere hortzak sartzen. Hori egin nahi izan zuen bakoitzean, bere letaginak, Spitzen letaginekin txoke egin zuten. Letaginka ari zela, mutur guztia odoldu zitzaion. Baina ezin izan zuen lortu bere gogoa. Orduan, zituen indarrak batu eta eraso zaparradatan atzeratu zuen. Lepoa nahi zuen harrapatu. Baina alfer-alferrik. Spitzen eztarria harrapatu nahi zuen. Baina, honek, burua atzera botatzen zuen. Ezin lortu. Buruarekin bultzatzen zion eror zedin. Ezta ere. Eta bakoitzean zauri berri bat irabazten zuen. Spitz ordea, oraindik zauri bat ere gabe zegoen; Buck, berriz, odoletan, eta dagoeneko arnasestuka hasita. Borroka desesperatua zirudien hark. Bitartean, han zeuden otso zakurrak, begira eta begira, nor eroriko, gero hura segituan jateko. Ikusi zuen Spitzek, beste zakurra nahiko larri zela. Eta orduan erasotzea erabaki zuen. Nahiko lanak bazituen Buckek zutik egoten ere. Une batean, Buck erori ere erori egin zen. Eta atzeko hanketan eserita zeuden 50 otso zakurrak altxatzen ere hasi ziren. Baina berriro, kolpean altxa zen, eta otso zakurrak eseri ziren. Buckek bazuen bere barruan gauza bat orain erabili behar zuena: irudimena. Eta erabili zuen. Ordura arte, grinaz egin zuen borroka. Hemendik aurrera, buruz egin behar zuen. Eta horrela, eraso zion beti bezala Spitz zakurrari, baina azkenengo unean makurtu zen elurretan. Eta bere hortzak tinkatu ziren Spitzen aurreko hankan. Hezur karraska entzun zen. Baina zakurrak hiru hankekin kontra egin zion. Hiru aldiz lurrera bota nahi izan zuen. Alferrik, ordea. Berriro, lehengo itxura egin zion, eta beste aurreko hanka desegin zion letaginen tartean. Ezinean ikusi arren, Spitzek gogor eutsi zion. Hasi zen ikusten, nola inguruko begi odolezko otso zakurrak bere inguruan borobiltzen hasiak ziren. Nola mingain egonezin haiek milizkatzen zituzten ezpain eta hortzak. Askotan ikusi ahal izan zuen hori, baina beti besteak ziren galtzaile. Oraingoan, agian, bera zen galtzailea. Ez zegoen beretzako itxaropenik. Buck errugabea izan zen. Ahaztuta zituen garai bateko bigunkeriak. Eta prestatu zen azkeneko erasoaldirako. Otso zakurrak gainean zituzten. Arnas babatsua hantxe entzuten zen. Spitzen atzean zeuden, atzean eta bi aldamenetan. Hari begira. Geldirik, harrizko bezala. Spitz bakarra zen beldurrez eta ileak dardaraz zituena. Ez zuen hil nahi, eta heriotza uxatu nahi zuen. Bat-batean, Buckek salto berezi bat egin zuen: aurrera eta atzera: aurrera salto egin zuenean, bere lepoak txoke bizi egin zuen etsaiaren lepoan eta atzerakoan bere lekura itzuli zen. Une berean, otso zakurrak puntu txiki bat bezala biribildu ziren elurraren gainean. Ez zen Spitzen arrastorik ere ageri. Pozik, harro, hiltzaile asea, alde batera baztertu zen, gertakari hura pozik eta atseginez ikusten zuelarik. IV. AGINDU NAHI — Esan nizun nik — zioen Frantziskok, Buckek bi deabruk haina balio duela. Laster ikusi baitzuen Spitz falta zela eta Buck zauriz betea zetorrela. — Spitzek deabru batek bezala egiten du borroka — erantzun zion Perraultek, haren zauriak aztertzen zituelarik. — Eta Buckek bi deabruk bezala, — erantzun zion lagunak. Hemendik aurrera bakea izango dugu. Ikusiko duzu hala dela. Spitz ez da gehiago agertuko. Perraultek tresnak prestatzen zituen bitartean, Frantziskok txakurrak prestatzen zituen. Buck, Spitzen lekuan jarri zen, inork ezer esan gabe. Baina Frantziskok uste zuen hobea zela han Sol-Leks jartzea. Eta bestea baztertu zuen. Ez alferrik, Buckek bultzada bat eman zion Sol-leksi, eta kendu zuen handik. — Ikusi al duzue hori? — esaten zuen Frantziskok. Spitz akabatu du eta orain bere lekua hartu nahi du Buckek. Ale, alde hortik. Ez zion ordea Buckek kasurik egin. Orduan Frantziskok heldu lepotik eta bazterreratu zuen, Sol-Leks ipiniaz. Hau ez zegoen pozik gorabehera haiekin. Beldurra baitzion Bucki. Baina Frantzisko handik joan zenerako, berriro Buckek kendu zuen lekutik bestea. Frantzisko haserretu zen: — Orain ikusiko duk — esan zion, esku-makila hartuaz. Buck zamarra gorriko gizon hartaz oroitu zen. Ez zen gehiago lehiatu hori egiten, baina han gelditu zen alaka tristeak eta amorrazioz beteta. Badaezpada ere eskumakilatik urruti. Frantziskok bere lanean segitu zuen. Bucken txanda iritsi zenean, deitu zion, betiko lekura etor zedin. Ez zion kasurik egin Buckek. Atzera eman zituen hiru pauso. Orduan, ulertu zuen Frantziskok, eskumakilaren beldur zela. Hura utzi zuen, baina hala ere zakurrak ez zion kasurik egin. Ez zen bere lekura joan. Hark agintea nahi zuen. Bestela ez konta harekin. Berea zen leraren agintea. Geroztik han ibili ziren bi gizonak, Bucken atzetik, hura harrapatu nahian, biraoka, eskumakilarekin kolpea hemen eta kolpea hor joaz. Baina alferrik. Ez zuten harrapatzen. Honelaxe pasa zuten ordubete. Zakurrak garbi adierazten zuen, zer nahi zuen: bere aginte gogoa betetzen zenean, orduan, eta ez lehenago, itzuliko zen. Azkenean eseri zen Frantzisko bere ileak leunduaz. Alferrik. Garaituak zeuden. Begiratu zion Perraulti. Hau desesperatua baitzegoen. Duela ordubete abiatu behar baitziren. Sol-Leks zegoen lekura joan zen. Eta askatuaz bere lekura eraman zuen. Begi erne zegoen Buck. Bai pozik ere hura ikustean! Frantziskok berriro deitu zion. — Utzi ezazu alde batera eskumakila, esan zion Perraultek. Eta hala, saltoka eta pozik etorri zen Buck, taldearen buru lekuraino. Lotu zuten, beti bezala, eta elur-lera (trineoa) abiatu zen, ikaragarrizko abiaduran. Beti esaten zuen Frantziskok, Buck hura, bi deabru batera bezala zela, baina ez zuen uste hainbesteko trebea zenik, burutsua, eta azkarra. Spitz bera baino hobea, askoz hobea. Legeak betetzearen, oraindik ere hobea zen. Dave eta Sol-leks-i ez zitzaien axola buruzagi aldaketa hura. Haiek bakean utzi, eta hor konpon. Lana egin bai, hori bai. Baina, lehendik beste zakur gehienak, gaiztotuak zebiltzan Spitzen garaian. Baina Buck, nagusitu zenean, denei hortzak erakutsi zizkien. Harritu ziren, baina bai obeditu ere. Pike, alfer xamarra izan zen beti, eta ez zuen sekula behar baino gehiagoko ahaleginik egin. Buckek eman zion astindu ederra. Gaua iritsi zenerako hura ere langile bihurtua zegoen. Joek ere hartu zuen bere zigorra. Spitzek ez zuen sekula ukitu ahal izan. Bai Buckek. Berehala, guztiak onbidera itzuli ziren. Eta guztiak zakur bat bakarra balira bezala tiratzen zuten. Aurreraxeago, Rink-Rapids aldean, beste bi husky, sartu ziren taldean. Laster menderatu zituen Buckek bi haiek ere. Hala esaten zuen Frantziskok: — Ez dut behin ere honelako zakurrik ezagutu. Mila dolar balio ditu. Perrault ere ados zegoen. Lehen berandu abiatu baziren, orain lehen egin gabekoak eta gehiago ibiliak zituzten. Pozik, beraz. Bidea ere ezin hobea zegoen. Trinkoa. Hotz gehiegirik ez. 30 gradu zero azpitik. Bi gizonak, leran txandatzen ziren. Orain bat, gero bestea. Itzultzeko bidea, lehen joan zireneko ber-bera, askoz azkarrago egin zuten. Lehen jelarik ez zegoen lekutan, orain jela trinkoa zegoen. Eguneko, bataz beste, 40 mila aurreratu zuten. Eta azkeneko gauean, jaitsi ziren itsas aldera, White Pass aldera. Urrutitik ere ikusten ziren itsasontzien argiak piztuta, Skagvvay izeneko lekuan. Bidaiarik bizkorrena izan zen hura. Hamalau egunetan, eguneko 40 mila korritu zituzten. Hiru egun, nagusi bezala ibili ziren han Frantzisko eta Perrault, nork edatera, nork jatera inbitatzen zituztelarik. Denak harrituta zeuzkaten bidaiaren azkartasunagatik. Gero, zirudienez, agindu berriak eman zituen Gobernuak. Frantziskok besarkada negarti bat eman zion Bucki. Eta geroztik ez zituzten gehiago elkar ikusi, ez Perrault, ez Frantzisko ere. Lehen bezala, hauek ere alde egin zuten Bucken bizitzatik. Eskoziako erdi beltz batek hartu zuen leraren kargua. Beste hamabi talderekin, hartu zuten berriro Dawsoneko bidea. Posta eramaile eta ekarle. Urre bilatzaileak albiste berriak nahi zituzten. Eta haiek horretan ziharduten. Barru barrutik, Bucki lan hori aspergarria iruditzen zitzaion. Baina, etsi-etsian egiten zuen. Beste guztiak ere bai. Egun guztiak berdinak ziren. Goizetan sukaldariak jaikitzen ziren janaria prestatzera; sua piztu eta gosaltzen zuten. Besteak dendak jaso, hurrengoak txakurrak uztartu, hareagokoak egurrak moztu, eta abar... Txakurrei ere eman behar zitzaien beren arrain jana. Orduan izaten zuten eguneko ordurik onena. Harantz eta honantz, ibiltzen ziren ehun zakurrak. Batzuk borrokalariak. Hirurekin edo izan zituen Buckek bere gorabeherak. Geroztik guztien gainetik bera zen. Baina, gehien-gehiena, supazterrean etzatea gustatzen zitzaion. Hantxe begiak zituela, begira inora gabe, ametsetan. Batzuetan, kontu zaharrak bururatzen zitzaion. Garai bateko Miller epailearen etxea, han urruti Santa Klara aldean, hango lagunak. Baina gehiago gogoratzen zituen beste gauzak: zamarra gorrizko gizona eta bere makila, Curly zakurraren heriotza, Spitzekin izan zuen borroka, jaten edo jan nahi lituzkeen janariak. Zer ez? Baina, guztien gainetik, bere benetako zakur odola gogoratzen zuen. Bere aurrekoen senak, berriro ere gogoratuak, denak berriro hantxe zituen barruan martxan. Bere lehengo bizimodu biguna urruti zegoen. Ez zuen haren inbidiarik. Batzuetan, han zegoelarik, eta bere begiak sukarretan tinko zituelarik, iruditzen zitzaion, bestelako gizon batzuk ikusten zituela. Gizon haiek, ez ziren orain bezalakoak. Hankak motzagoak zituzten. Besoak luzeagoak. Jantzi gutxi zuten gorputzean, ia larru bizirik ibili ohi ziren. Gorputz guztia iletsua, eta ez ziren oraingoak bezala, zutik egoten. Hanka gainetatik aurrera, eroriak ibili ohi ziren, lau hanketan ere izan gabe. Haien gorputzean, basatien arintasuna eta fintasuna nabaritzen zuen. Bestetan gizon iletsu hark hatzapar tartean burua zuelarik lo egiten zuen. Eta areago, pixka bat areago, argi biziak nabaritzen zituen, tximista zorrotzak bezain zorrotzak. Eta beti binaka. Basoko abere basatiak. Gizon hura, gauaren eta ilunaren beldur zela zirudien. Ze askotan aztarrikatzen baitzuen ingurua. Guzti horrek ileak tente jartzen zizkion. Berak ere ulua tristea egiten zuen. Sukaldariak esaten zion arte: — Hala, Buck, jaiki eta goazen. Orduan beste mundu hori ahitzen zen, eta bere lanlekura joaten zen. Bidaia gogorra izan zen. Pisu gehiegi zeramaten. Dawson aldera ailegatu zireneko, zakurrak, benetan nekatuak eta ahulduak zeuden. Han, deskantsuan indarberritzen egoteko ordez, bi egun pasa bezain azkar, Yukon aldeko aldapa jaitsi zuten. Benetan, zakurrek ezin zuten gehiago. Horrez gainera, ez zuen egun onik egiten. Elurra goitik behera, beraz bideak bigunak eta zakurrentzat lan gehiago. Hala ere gizonak, saiatzen ziren zakurrak ondo zaintzen. Ez ziren lotara joango zakur haien hankak ondo aztertu gabe. Eta ez zuten afalduko, zakur guztiek egin arte. Negua hasiz gero, 1.800 milia ibiliak zituzten. Edozein zakur indartsuenaren indarrak bukatzeko nahiko eta gehiegi. Buck bera ere ahulduta zegoen. Baina saiatzen zen zakur taldearen barnean diziplina mantentzen. Baina okerrena zebilen txakurra, Dave zen. Gauean iristen zenetik goizerarte, ez zen altxa ere egiten. Oso erretxina zebilen. Bidean zihoazela ere, sarritan kexatzen zen, zerbaiten eta nonbaiten ezina edo mina izango balu bezala. Gidari guztiak kezkatuak zeuzkan, zer ote zuen. Besterik ez zuten esaten jaten ari ziren bitartean. Behin ekarri zuten Dave sutondora, eta begiratu zuten ondo, handik eta hemendik estutuaz, zenbaitetan min eman arte. Baina ez zioten hezur hautsi edo horrelakorik aurkitu eta ez zuten asmatu haren gaitzaren berri. Bere ahultasuna hainbestekoa baitzen, Cassiar Bar aldean hiruzpalau aldiz erori ere egin zen, halaka suminak botaz. Eskoziar erdi beltzak, pentsatu zuen hobe zela leratik askatu eta lanik gabe uztea, deskantsa zezan. Haren ordez, Sol-Leks jarri zuen. Baina hura izan zuen mina Davek. Ez zuen intziri besterik egiten. Eta are eta gehiago Sol-Leks, bere betiko lekuan ikusi zuenean. Heriotza minez egon eta hala eta guztiz ere, ez zuen nahi lerarik askatzerik. Ezin zuen etsi. Lerak aurrera jo zuenean, Dave ere balantzaka abiatu zen ondotik. Ez ordea pozik. Joan zitekeen bazter onenetik. Baina Sol-Leks zegoen lekura joan eta koskaka handik kendu nahi zuen. Kendu nahi eta haren lekuan jarri nahi. Bitartean intziri lastimagarriak botatzen zituen. Eskoziar erdi beltzak, zigorraren bidez handik urrutiratu nahi zuen. Baina alferrik. Ez zuen lortzen. Eta ez zuen gehiago zigortu ere. Azkenean erori zen, eta hantxe erori lekuan tinkatu zen, inguruan lera luzea ziztu batean pasatzen zitzaion bitartean. Ahal zuen moduan altxa zen, eta jo zuen aurrera. Geroxeago, gizon batek bere lagunari sua eskatu nahi ziola eta aitzakia horrekin lera ere gelditu zen. Dave ere hantxe zetorren nolabait. Gizonak pipa piztu zuenean, ekin zioten bideari. Zakurrak martxa bizian jarri ziren, azkarregi. Zeren lera ez baitzen mugitu. Zer gertatu ote zen? Sol-Leksen uhala hozkaka moztua zegoen. Davek moztu zuen, eta berriro ere berari zegokion lekuan jarrita zegoen. Gauza harrigarria. Gizonak ere gertakaria komentatu zuten. Zakur bat gaixo egon arren, azkenekoa omen da bere lanlekutik baztertzea. Zakurrak nahiago omen du bere lanean hil, nahiz lan hori halakoxea izan, bazterrean tirotik urruti gelditu baino. Hala bada, Dave, hain gaizki eta gaixo egon arren, jarri zuten bere lekuan. Denak zekiten hiltzera zihoala. Baina, berak hala nahita, hil zedila gustura pentsatu zuten bidaiako zuzentzaileek. Zenbaitetan, erori ere egin zen. Altxa eta jarraitzen zuen. Behin, ordea, lera gainetik pasa zitzaion, eta geroztik zeharo herrena gelditu zen. Noizbehinka alaka sumingarriak alde egiten zion. Disimulatu, eta aurrera. Iritsi ziren, eta kanpamendua jarri ere bai. Hurrengo goizean ia ibiltzeko ere ez zen gauza. Aurreratu nahi zuen bere lekuraino. Ezin ordea. Aurreko hankek ezin eraman zuten gorputza. Arrastaka eta erori ez erori han gelditu zen. Kanpamendua altxa eta lera abiatu zen, beste guztiekin. Dave bakar bakarrik gelditu zen, ulua urragarrien artean. Bistatik galdu zutenean, eskoziar erdi beltzak, geldiarazi zuen konboia. Ustekabean jaitsi zen, eta lehen kanpamentua egondako lekura itzuli zen, bakarrik. Denak isilik gelditu ziren. Handik pixka batera, pistola tiro soinua entzun zen. Eskoziarra itzuli zen konboira. Igo eta berriro ere zintzarriak alaitu zuten bidaia. Zer gertatu ote zen? Inork ezer esan ez arren, guztiek zekiten gertatutakoaren berri. Zakurrek ere bai. V. BIDEKO LAN GOGORRA Hogeita hamar egun pasa zituzten Dawson aldetik Skagwayeraino iristen. Han zetorren Salt Water alderdiko posta. Eta Buck eta beste zakurrak. Guztien egoera lastimagarria zen. Buck oso ahuldua eta galdua zegoen. Beste zakurrak ere zeharo jota zeuden. Buck bera baino okerrago oraindik. Denak hanketan oso zaurituak zeuden. Lehengo arintasun haiek bukatu ziren. Ez zuten gauza ikaragarririk. Nekea latza, besterik ez. Bost hilabetetan bi mila eta zortziehun mila egin zituzten, ia gelditu gabe. Okerrenak azkeneko mila eta zortziehunak izan ziren. Ez zuten bost egun baino gehiagoko deskantsurik eduki. Skagway aldera iristean porrot eginak zeuden. Ez ziren gauza ia uhalak ere tente edukitzeko. Aldapa zetorrenean kontu handia behar zuten leratik urruti mantentzeko. — Bizkor, zakurrak! — esaten zien gidariak. Laster iritsiko gara eta gero deskantsu ona izango duzue. Gizonek ere uste zuten deskantsu hura izango zutela. Baina gauzak ez ziren hain errazak izango. Hainbeste baitziren Klondike alderdira etorritako gizonak. Eta hainbeste ere haiekin etorri ez ziren emazte, andregai, eta etxeko. Beraz, posta pilatzen zen, itxurarik gabe. Eta osta azkar eraman behar zen. Ez zegoen atseden hartzerik. Gobernuak berak ere aginduak emanak zituen. Zakur berriak erosteko. Balio ez zutenak baztertzeko. Zakurrek ez dute asko balio dolarrekin alderatzen baditugu. Hiru egun pasa ziren. Egun haietan, konturatu ziren, ondo asko, noraino nekatuak zeuden. Laugarren egunean, Ipar Ameriketako bi gizon etorri ziren, eta diru pizar baten truke erosi zituzten zakur, lera eta guzti. Bi gizon haiek Hal eta Txarles ziren. Txarles, erdi gaztea zen, azal zurikoa, begirapen ahul eta bibote trinkokoa, puntak gora begira zituela. Hal hemeretzi bat urteko gazte bat, bere gerrikoan baso laban eta errebolber handi bat zeraman: itxuragatik, zeharo sentimendurik gabea zirudien. Argi eta garbi ikusten zen, bi gizonek, bere girotik oso urruti ibili zebiltzala. Baina, zertara joan ziren harantz? Misterio hutsa zen hori. Buck erne zegoen eta entzun zituen, salerosketarako tirabira guztiak. Azkenik, gobernuko mandatariak hartu zuen diru pixka bat, eta Buck konturatu zen berriro ere nagusiz aldatzera zihoazela. Joan ziren, bada, kanpamentu berrira. Dena hutsune batean zegoen. Eta zikinkeria barra-barra: denda ere erdi jaso, erdi erorita, platerak garbitu gabe. Han bazegoen neska bat: Mercedes deitzen zioten. Txarlesen emaztea zen eta Halen arreba. Buck begira egon zen denda kendu eta biltzen zuten bitartean. Hura zen nahasmendua! Berari zegokion baino hiru aldiz handiagoko bultoa atera zitzaien. Platerak garbitu gabe gorde zituzten. Mercedes bedeinkatu hura ere ez zen isilik egoten diren horietakoa. Alde batera agindua, bestera errieta. Arropa pila bat aurrean jarri zuten gizonek. Berak, han gaizki zegoela eta atzera pasarazi zien. Jarri zuten, bada. Gero, arropa tartean zerbait sartzea ahaztu zitzaiola, eta berriro ere, hura askatu, sartu, berriro lotu, atzean ipini, han ez zegoen gauza onik. Inguruko dendako hiru gizon inguratu ziren, hango saltsa nahas-mahasa ikustera. Hala esan zien: — Arraio, arraio, pisu polita daramazue. Ni ez naiz nor esateko, baina, nik, behintzat, ez nuke denda eramango. — Denda ez eraman? — esaten du Mercedesek. Zaudete isilik. Nola molda ninteke dendarik gabe? — Udaberria dator, neska, hemendik aurrera ez dago hotzik. Baina Mercedesek burua mugitu zuen. Eta, nola ez, denda eta beste jarri zuten gainean. — Mugituko al da guzti hori? — galdetu zuen irribarretsu hiru haietako batek. — Zergatik ez? — erantzun zien Txarlesek. — Barkatu, barkatu. Izan ere, pisu gehiegi iruditu zait eta — esan zuen eztenkadaz. Txarlesek bizkarra eman zion, uhalak ahal zuen ondoen jarri zituen. Hitz batean: nahiko gaizki. — Eta, zakur hauek eramango ote dute tramankulu guzti hori egunaren buruan? — esaten du batek irribarretsu. — Noski, baietz — erantzun zien Halek. Eta erein zuen zigorra: — Arre! Arre! — esaten zuelarik. Zakurrek eeeup! egin zuten. Alferrik, ordea. Ez zen milimetro bat ere hura mugitu. — Animalia alu horiek — esaten du Halek. Nik erakutsiko dizuet. Eta erein zuen gogorki zigorra. — Oso ahulduak daude animalia horiek — esaten die auzoko gizon batek. Ez dute besterik, deskantsua behar dute. Besterik ez. — Joan dadila pikutara deskantsua — izan zen hartu zuen erantzuna. Mercedes ere harritua zegoen, eta esaten dio anaiari: — Ez iezaiezu kasurik egin. Zu zara gidaria, ez da? Ale bada, segi aurrera. Berriro ere haizea urratu zuen Halen zigorrak. Eta astindu zituen zakurren bizkarrak. Ez alferrik. Lera hura, aingura bat bezala tinkatua zegoen. Beste bi edo hiru ekitaldi egin zituzten. Dagoeneko zakurrak arnasestuka hasi ziren. Eta gainetik Halen zigorra. Mercedes intzirika inguratu zitzaion: — Arren, Hal, ez itzazu era honetara zakurrak zigortu. Arren eta arren! Buckek ez zion batere sinpatiarik Mercedesi, baina ongi hartu zuen haren aholkua. Begira zeudenen arteko batek, ezin izan zuen isilik egon eta esaten die: — Ez da nire gauza, baina, lera elurrari itsatsia dago. Askatzeko, bultza iezaiozue eskuin eta ezkerrera. Orduan, bai, askatu eta abiatu zintezkete. Hirugarren ahalegin honetan, eta gizon hark aholkatu zien bezala eginaz, abiatu ziren nolabait, zanbuluka eta Buck eta beste zakurren bizkarrek zigor zorrotza dinbi-danba zutela. Handik ehun metrotara bazegoen bide buelta bat. Hura hartzeko, gidari iaioa izan behar zen. Hal, ordea, ez zen ez gidari iaioa ez ezer. Hura hartzean, lera guztia ipurdiz gora joan zen. Zakurrak ez ziren gelditu. Txispak botatzen zituzten haserrearen haserrez. Halek deiadar egin zien, sooo esanaz. Baina, ezta kasurik ere. Erori ere egin zen, eta lera gainetik pasa zitzaion. Skagway guztia tripak lehertzeko zorian jarri zen ikuskizun merke hura begiratuaz. Baziren batzuek barregurari eutsiaz, zakurrak gerarazi zituztenak. Eta berak, honela esan zien: — Dawsonera iritsi nahi baduzue, kargaren erdia kendu beharko duzue, eta txakurrak doble jarri. Nonbait, orduan, kasu eginik, hasi ziren gauza batzuk kentzen. Latak ere bai, tartean. Algara bizia egin zuen jendeak, ze Artikoan latak eramatea izugarrizko kimera bat besterik ez baita. Txantxaz betetako komentarioak ere ez ziren faltatu: — Arraio... Hotel batek izaten al du manta gehiago ta... — Ze etorri zarete hona, platera eta guzti? Ba al dakizue non zaudeten... eta... — Arropa guzti hori, zertarako? erdia baino gutxiagorekin ere molda zintezkete. Hala bada, tartean Mercedesen negar zotinak ere zirelarik, aukera bat egin beharra zegoen. Arropen erdiak, kalera. Mercedesenak eta besteenak, denenak. Popatik hartzera. Erdira jaitsi zuten pisua, hala ere ikaragarrizko tramankulua zen hura. Arratsaldean, Txarles eta Hal beste sei zakur erostera joan ziren. Erosi ere bai. Baina ez planta onekoak. Gero beste bi gehiago ere erosi zituzten, Teek eta Koona izenekoak, eskimal odolekoak. Denetara, hamalau. Etorri berriek bazirudien ezertxo ere ez zekitela. Hoztasun batekin sartu ziren taldean, ze Buck berak ere erakutsi nahi izan zien zer ez eta zer bai egin behar zuten. Ezezkoa ikasi zuten, nonbait. Zer egin behar zuten ez, ordea. Ez ziren lanerako eginak. Bi eskimalak kenduaz gero, ez zuten ahuntzaren gauerdiko eztula balio. Han ez zegoen zer aprobetxaturik. Beraz alde batetik, lehengo zakur nekatuak, ahulduak, eta bestetik ekarritako zakur hezurtsuak eta putz eginak, ez zirudien ibilaldiaren etorkizuna oso alaia izan behar zuenik. Bi gizonek, boligrafoa eta paperarekin, erraz egin zituzten numeroak. Hainbeste zakur, hainbeste eguneko, hainbeste kilometro... Eta Mercedes tuntuna, bi gizonen bizkar gainetik, baiezka. Hurrengo goizean, berandu, nola ez, abiatu ziren kalean gora. Baina martxa hark ez zuen ez sasoirik, ez bizitasunik. Hasi baino lehen, nekatuak zeuden, lehertuak. Buckek bolada hartan, lau aldiz egina zuen Salt Water eta Dawson arteko bidaia. Bazekien bide haren zailtasunaren berri. Orain baldintza haietan abiatzeak ematen zion pena. Ez zuen lana gustura egiten, ez besteek ere. Buck konturatu zen, bi gizon eta andre haien mende egoteak, ez zuela zentzurik. Ez zekiten ezer egiten. Eta, zirudienez, ez ziren gauza ikasteko ere. Gau erdia kanpamentua jartzen pasatzen zuten, eta beste gauerdia biltzen. Ez zuten ez bururik ez abururik. Jasotzen zutena, bidean erortzen zen, ze denbora gehiago behar zuten gero, erortzen zen bakoitzean altxatzen. Hamar milatik gora ezin egin zuten eguneko. Bi gizon bizkorrek kalkulatu zutenaren erdia baino gutxiago. Gauza ikusia zen: laster ez zen janaririk izango, denak agortuko ziren. Horretaz gainera, zakur atzerritarrak, hainbeste denboran jan gabe egon ondoren, izugarrizko apetituarekin irensten zituzten emandako guztiak. Beste aldetik, eskimal zakurrek ere indar gutxirekin tiratzen zutenez gero, Halek erabaki zuen, janari doblea ematea. Baina oraindik Mercedesi hura nahikoa zenik ez zitzaion iruditzen. Eta isilka-misilka, berak oraindik ere gehiago eman zien. Baina haiek behar zutena ez zen hainbesteko janari pila, haiek behar zutena deskantsua zen, atseden hartzea. Era hartan aurrera jarraitzea, bertan bizia bukatzeko arriskuan jartzea zen. Baina etorri zen egun txarra ere. Halako batetan, Hal hori konturatu zen, janarien erdia bukatu zela, eta bidaiaren laurdena besterik ez zutela osatu. Orduan, alderantziaz jokatzeko erabakia hartu zuten: janaria urritu, batere gabe zakurrak gera ez zitezen, eta ibilaldiak luzatu. Baina beraiek ere ez ziren gauza goizean goiz abiatzeko, ezta ere gauean berandura arte bidaian egoteko. Ez zekiten ez txakurrak tratatzen, ezta ere bere buruarekin nola jokatu. Lehenengo erori zena, Dub izeneko zakurra izan zen. Bizkar odoldua gaiztotu zitzaion. Garaiz sendatu izan baliote ez zitzaion horrelakorik gertatuko. Ez zen gauza pauso bat ere emateko. Hal horrek bere errebolberrarekin tiro bat eman zion. Artiko aldean, ezin omen daiteke eskimal zakur baten janari neurriarekin, atzerriko zakur bat bizi ahal. Beraz, atzerritar sei zakurrak hiltzera behartuak zeuden. Terranova hil zen, hurrengoan beste hiru, azkenean beste bi. Etorri berritan, Txarles, Hal eta Mercedes, bere artean goxoak ziren, gero laster zakartu ziren. Ibilaldi hura, abentura zen artean, pozik zeuden. Baina, gero, konturatu ziren, ametsak amets, nahiko gogorra zela. Etsi ezina. Eta, eraman ezinik zeuden. Baina berandu zen. Bide erdian ezin geldi ez atzera, ez aurrera. Hiruak egun osoa errietan pasatzen zuten. Batek hau zioela, besteak hura zioela. Haien arteko sinpatiak bukatu ziren. Inguru haietan esaten da, Artiko alderdietan lan egiten duten gizonek, halakoxe pazientzia berezia hartzen dutela. Hauek ez zuten horrelakorik urrutitik ere ezagutzen. Ez zuten inongo ideiarik ere. Sufritu besterik ez zuten egiten. Egun guztian minez zeuden, buruko minez, hankako minez, tripako minez... Txarles eta Hal egun guztian errietan zeuden. Mercedesek, batzuetan, bati ematen zion arrazoia, bestetan besteari. Nork moztu behar zuen egurra, nork behar zuen sua, beti erretolikan, bakoitzak zor zitzaion baino lan gehiago egingo balu bezala. Han azaltzen ziren ahotara, baten, bestearen etxeko, senide, ahaide, senitarteko eta trapu zahar guztiak. Horrela egun guztian, baina bitartean, sua piztu gabe eta zakurrak baraurik. Mercedes mindua zegoen goitik beheraino. Gizonak zakar tratatzen zuen. Non zeuden garai bateko mehatxuak? Horregatik, abandonatua balego bezala azaltzen zen. Negar egiten zuen. Ia ez zuen lehen bezala zakurren errukirik. Neska polita zen, baina hark ere bazituen bere kiloak, eta leran jartzeko gehiegi. Batik bat era hartako zakurrentzat. Jarri bazen jarri zen, zakurrak lehen ere larri ziren eta ezin zuten asko aurrera jarrai. Senarrak eta anaiak erregutu zioten, altxatzeko. Baina, berak negar egiten zuen, mina zuela, ezin zuela, ez dakit zer eta badakit zer... Halako batean, leratik kendu ere egin zuten. Baina berak, ume mimatu batek baino okerrago, hankak lasatu eta lurrera erori zen. Beste biek aurrera segi zuten. Baina hiru mila egin zituztenean, lera arindu, Mercedesen bila joan, ekarri, gainean jarri eta segi zuten aurrera. Gauza onik ez. Berak ere hainbeste sufritzen baitzuten, ez ziren konturatzen zakur haiek, egun batetik bestera denak hilko zirela. Halek, gogortu egin behar zela esaten zuen. Baina, ez Txarlesek, ez Mercedesek ez zioten kasurik egiten. Eta gero, hura lortzearren, ero baten gisa, zigor batetan zakurren kontra jartzen zen. Five Fingers aldera iritsi zirenean, zakurren janari guztia ahitua zegoen. Hortzik gabeko atso zahar batek, zaldi haragi lehortua eskaini zien. Trukean Halek gerrian zeraman errebolberra eskaini zion. Eta trukea egin zuten. Janari hura izoztua zegoen. Ez zen erraza jaten. Zaldiaren larrua zirudien. Eta hark ez zien zakurrei izugarrizko indar berririk ematen. Guzti horren tartean, Buck nolabait zihoan aurrera eta aurrera, taldeari tiraka eta tiraka. Tiratzen zuen ahal zuen neurrian, baina ezin zuenean, danba, lurrera erortzen zen. Han gelditzen zen, zigorrak berriro suspertzen zuten arte. Bere ilearen garai bateko, gozotasuna eta argitasuna agortu zen. Ilea zikindua zuen eta erori egiten zitzaion. Bere giharrak, zain korapilatuak ziruditen. Bere hezurduraren hezur guztiak bistan zeuzkan. Penagarria; baina haren bihotza ikaragarria zen. Beste zakurrak baldintza berdinetan zeuden. Hainbeste sufrituta gero, zigorraren minik ere ez zuten sentitzen. Erdi bizirik, edo hobekiago, erdi hilik zeuden. Hezur hutsetan. Nonbait gelditzen baziren, lurrera erortzen ziren. Bizitzaren hariak ozta-ozta irauten zien. Batzuetan bazirudien hura ere agortzera zihoala. Zigorra bizkar gainera erortzen zenean, bizi hari hori zerbait suspertzen zen, ez asko, eta denak altxatzen ziren, nolabait... Egun batean, Billee zintzoa ere erori zen. Halek ez zuen errebolberrik eta, aizkora eskutan hartuaz, burua hautsi zion kolpe batez. Gero gorputza askatu eta bide bazterrean utzi zuen. Besteak ulertu zuten zein izan zitekeen haien etorkizuna. Hurrengo egunean, Koona izan zen: bost zakur gelditzen ziren: Joe, gaiztoa izateko ere gauza ez zela, Pike, erdi herren, Sol-Leks begi bakarra, oraindik ere ibili nahi eta ezin, Teek, ia neguan ibili gabea, beraz ikasi gabea ere bai, eta Buck, beti taldearen buru, ahal zuena egiten. Ia ez zitzaion agintzea ere bururatzen. Ahuldua, ezinean. Garai bateko zakur eder hura! Udaberri giro ederra zegoen. Ez zuten ez gizonek ez zakurrek nabaritzen, ordea. Eguzkia gero eta azkarrago jaikitzen zen eta gero eta beranduago oheratzen. Goizeko hiruretan sortzen zen egunsentia, eta argi distirak gaueko bederatziak arte irauten zuen. Edertasun zoragarria. Denak bizi baten arnasak pizten zituen. Negu guztian hilda bezala egondako landareak izerdi berriz suspertzen ziren. Haritzak eta lertxunak, kimu berriz josten ziren. Basaberak eta mahatsak jantzi berdez estaltzen ziren. Kilkerrak kantari. Egunez, egundoko animali mota desberdinak, eguzki bila irteten ziren. Katagorriek oihu egiten zuten, txoriek abestu, basa ahateek zerua betetzen zuten eta bere karraskak nonahitik entzuten ziren. Aldapetan, erreka eta errekastoen murmurio isila entzuten zen. Dena desizozten zen, dena biziaren dardarizoak mugitzen zuen. Yukon guztia borrokan zegoen, neguko izotz lodiak uxatu nahian, azpitik eta gainetik urtu nahian. Zuloak nonahi egiten ziren, nonahitik etendurak, eta pitzadurak. Ibaiak irensten zituen jela pusketa ahulenak. Eguzki beroak, haize epelak lasterka egiten zuen. Bien bitartean, bi gizon eta emakume bakar haien espedizioa aurrera zihoan, heriotz bila joango balira bezala. Zakurrak indargabetuak zeuden. Mercedesek, leran eserita, negar besterik ez zuen egiten. Hal biraoka zegoen denbora guztian eta Txarles desesperatua. John Thornton jaunaren kanpamentura iritsi ziren, White River ibaiaren sorlekuan. Gelditu ziren bezain azkar, zakurrak, hilda baleude bezala, etzan ziren lurrean. Mercedesek John Thornton jaunari begiratu zion eta begiak lehortu zituen. Txarles enbor baten gainean jarri zen. Halek hitz egin zuen. Johnek, behar zuena bakarrik erantzun zion. Ez gehiago. Era honetako jende asko ezagutu zuen, eta alferrik izaten zen aholku onak ematen denbora alferrik pasatzea. Gero, berea egiten zuten beti. — Han goian esan ziguten bideak zartatzen ari zirela eta ez joateko. Ez ginela White River alderdiraino ere iritsiko — erantzun zion Halek. Baina, honantz ere iritsi gara. — Eta egia da hori — erantzun zion Thornton jaunak. Laster bide urratuak desegingo dira. Arriskua dago haiekin batera ur azpira joateko. Astakeria bat da aurrera jarraitzea. Ni, behintzat, Alaskako urre guztiarengatik ere ez nintzateke arriskatuko. — Baina zu, ordea, gizon zuhurra zara, ez zaude gu bezala erotua — erantzun zion Halek, harro. Dena dela gu aurrera goaz, Dawsonera iritsi behar dugu eta. Eta zigorra askatu zuen esanaz: —Ale Buck, ordua da, eta goazen aurrera. Thornton jaunak bere lanean jarraitu zuen, urki bastoi bat hornitzen. Alferrik zen hari ezer esatea. Baina zakur taldeak ez zion Hali kasurik egin. Hal eskuin ezker ikaragarrizko zigorra zabaltzen hasi zen. John Thornton jaunak ezin zuen etsi, baina estutu zituen ezpainak eta ez zuen ezertxo ere esan. Sol-Leks izan zen lehenengo altxa zena; hurrena Joe, uluka tristeak eginaz. Pikek ahaleginak egin zituen altxatzeko. Birritan ezin izan zuen. Eta hirugarrenean altxa zen. Buck ordea ez zen mugitu. Zigorradak gainean zituen. Ez alferrik, ez zen hura handik mugituko. Une batean baino gehiagotan Thornton jaunak zerbait esan edo egiteko gogoa izan zuen, baina eutsi zion nolabait. Begiak malkotan zituen hark. Zigorra bukatzen ez zenez gero, alde batetik bestera eraman ezinik, hasi zen urduri. Lehenengo aldiz zen Buck zakurrak obeditzen ez zuela. Halek utzi zigorra eta eskumakila hartu zuen. Berak ere ia ezin zuen altxa: baina, beste aldetik, ez altxatzea erabaki zuen. Laster ikaragarrizko zoritxarren bat zetorkiola usaintzen zuen hark. Erreka bidea hartu zutenetik zegoen horren beldurrez, eta une hartan gehiago iruditua zegoen. Egun guztian jela biguna zapaltzen etorri ziren, eta une batetik bestera hura desegingo ote zen errezeloa hezurretan zeukan. Ez zen, bada, mugitu. Lehendik hain ahuldua zegoelarik, ez zuen ia zigorraren gogorrik sentitu. Kolpeak ugaritzen zihoazen heinean, bere bizitzaren haria urritzen zihoan. Bukatzen, beharbada. Bazekien zigortzen zutela, baina dena urruti zegoela iruditzen zitzaion. Min kutsuak ere alde egin zion. Ez zuen ezertxo sentitzen, entzuten zuen eskumakilaren zartada bere bizkarretan. Baina bere bizkarra, bere gorputza ez zen berea, urruti zegoen zerbait baizik. Eta bat-batean, abere basati baten orroa jaurtikiaz, John Thornton, eskumakila zuen gizon haren kontra jaurti zen. Halek atzera bi pauso eman zituen. Mercedes ere oihuka hasi zen. Txarlesek begirada huts bat egin zuen, bestetarako gauza ez baitzen. John Thornton, Buck zakurraren ondoan zegoen, zer esan asmatzen ez zuela. Hain haserre baitzegoen: — Berriz zakur hau jotzen baduzu, akabatu egingo zaitut — esan zion. — Zakurra nirea da — erantzun zion besteak. Ken zaitez nire bidetik, nahi ez baduzu hemen bertan kontuak garbitzea. Dawsonera noa eta hori da guztia. Baina Thornton jauna ez zegoen uzteko. Halek atera zuen gerritik basa-labana. Mercedes oihuka zegoen. Thomton jaunak, aizkora kirtenarekin behatzetan jo eta labana lurrera bota zion. Eta Hal hura jasotzera makurtu zenean, beste kirtenkada bat eman zion. Gero berak hartu zuen labana eta kolpe batez Buck zakurraren uhala moztu zuen. Halek ez zuen borrokarako indarrik. Arreba ere histeria batean zegoen, eta beharbada ulertu zuen Buck, heriotzaren gertuegi zegoela abiatzeko. Handik minutu batzuetara, bi gizon eta emakumeak, erreka inguruko bidea hartu zuten. Buckek entzun zien eta buruarekin begiratu ere bai. Pike zihoan lehenengo, Sol-leks leraren ondoan eta tartean, Joe eta Teek. Denak balantzaka. Hal gidari eta atzean estropezuka Txarles. Buck begira zegoen artean, Thorntonek begiratu zion ia hezur hautsirik ba ote zuen. Konturatu zen, makilakada galantak besterik ez zituela, eta janari falta izugarria. Ordurako mila laurden bat egina zuten besteek. Gizona eta zakurra haiei begira zeuden. Begirik galdu gabe. Ezinean zihoazen, baina beti aurrera. Halako batean, ikusi zuten elur leraren ipurdia altxatzen. Halek gidaritza utzi gabe, jirabira bat eman zuen airean. Txarlesek ere pauso bat atzera eman nahi izan zuen. Mercedesen oihu latza entzun zen gero. Hala denak bistatik galdu ziren. Gero, ez zen jeletan aho zabal bat besterik ikusten. Bidea desegin zen. John Thornton eta Buck elkarri begira jarri ziren: — Deabru bat haiz hi! — esan zion gizonak. Eta zakurrak eskua milizkatu zion. VI. GIZONAREKIKO MAITASUNA Lehengo abenduan edo, Thornton jaunari hankak izoztu zitzaizkion. Bere lagunek, prestatu zizkioten behar zituen gauza guztiak, eta Dawson aldera itzuli ziren baltsa bat ekartzera. Oraindik ere Buck bereganatu zuenean herren pixka bat egiten zuen. Baina gero giro onak etorri ziren eta azkeneko min kutsuak alde egin zion. Udaberrian, bizimodu lasaiarekin, bere indar guztiak berreskuratu zituen. Buckek negu hartan hiru mila milia egin zituen. Eta deskantsu hura ezin hobeto etorri zitzaion. Alfer samarra bihurtu zen. Baina, han denak alferkeriara emanak zeuden. Bai bera, bai Thornton, baita Skeet eta Nig zakurrak ere. Presarik gabe baltsaren zain egon ziren. Skeet perdigoi txakur txiki bat zen. Buck sendatzen zen artean, berarekin adiskidetasun handia egin zuen. Skeet zakur leiala zen. Eta Buck minez zegoen bitartean, bere zauriak milizkatzen zizkion, azkarrago senda zedin. Nig ez zen hain maitagarria. Zakur beltz eta handia, begi irribarretsukoa eta jokabide leialekoa. Buck harrituta zegoen, ez baitziren beste bi zakurrak batere jeloskorrak. Bazirudien Thornton jaunaren maitasunak eta izate onak guztia onbideratzen zuela. Horrela hasi zen Buckentzat bizi berri bat, eta benetako maitasuna zer zen ezagutu zuen. Lehen, Miller epailearen etxean oso bestelakoa zen. Han zaintzen zuten baina interesa zutelako. Hemen ez zen horrelakorik. Berak Thorntonekiko sugar antzeko mirespena sentitzen zuen. Gizon hura izan zen bere salbatzailea. Ez zen posible hura baino nagusi jatorragorik aurkitzea. Besteak zakurren alde egiten zutena, edo betebeharrez edo interesez egingo zuten. Hark ordea, bere seme balira bezala zaindu eta mantentzen zituen zakurrak. Ez zion inori inoiz bere agurra ukatuko. Sarritan beraiekin hizketan (berak hala zioen) egon ohi zen. Zakurrak bezain ondo pasatzen zuen berak ere. Zenbaitetan bere esku zakarren artean astintzen zuen Bucken buru handi hura eta hitz zatar ugari botatzen zizkion. Buckek hitz zatar haiek, maitasun hitzak balira bezala hartzen zituen. Saioa bukatzen zuenean, zakurra atzeko hanken gainean jartzen zen Thorntoni begira, bere aho, lepo, begi eta abar hitz egin nahi balu bezala. — Hitz egitea besterik ez zaik falta! — esaten zion zakurrari. Bucken maitasuna azaltzeko modua ere ez zen oso biguna. Berak hitz zatar haietan gizonaren maitasuna nabaritzen bezala, era berean gizonak, Buck zakurraren hozkada hertsiak bere hatzaparretan nabaritzen zituenean, zakurrak bere maitasuna azaltzeko modua hura zuela ulertzen zuen. Baina Buckek nagusiarekiko mirespena zuen. Eta gehienetan bere ondoan baina lotu gabe egon ohi zen. Ez zen Skeet bezala Thornton jaunaren mimo zain egoten, edota Nig bezala, ez zuen burua nagusiaren belaunetan ipintzen. Bera inguruan, gizona adoratzen, berari begira, bere mugimendu guztiak arretaz segitzen egon ohi zen. Orduak eta orduak horrela. Sarritan bien arteko batasun hura adierazteko nagusiak ere burua itzultzen zion, bere inguruan eta berari begira zegoela bazekiela adierazteko. Buckek ez zuen bere nagusia bistatik galtzen. Denda barruan nahiz dendatik kanpora, haren pausoak jarraitzen zituen. Beldur zen, hainbeste aldiz bezala, berriro ere nagusia galduko ote zuen. Ideia horrek askotan ez zuen bakean uzten. Orduan etxe atarira joaten zen, nagusiaren arnasa entzutera. Baina, John Thonrtoni zion maitasuna halakoa izan arren, bere basoarekiko joerak, bere barruan zeraman basapiztiak, erne irauten zuen. Are eta gehiago Artiko aldeko lurralde haietan. Etxe barruan eta sutondoan ikasi zuen fideltasunarekin batera, ez zuen galdu basoko animaliak duten maltzurkeria eta basakeria. Basokoa zen odolez, ez hego aldetik etorritako zakur biguna. Sarritan pentsatu ere egin zuen, gizon hari zion maitasun gartsu hura ez bazen, hamaika aldiz ihes egingo zukeela odolak agintzen zion oihan aldera. Ez zuen uste berriro harrapatuko zutenik. Hainbesterako maltzurkeria bazuen. Bazituen bere gorputzean hamaika zakurren hainbeste hozkada. Etxeko bi zakurrak lasaiegiak ziren borrokatzeko. Eta gainera John Thornton jaunarenak ziren. Baina beste edozein zakur bere bidera etortzen bazen, bere nagusitasuna onartu beharko zuen. Bestela hark ez zekien barkatzen. Borroka egingo zuten eta haien arteko borroka bien baten heriotzarekin bukatuko zen. Beste biderik ez zegoen. Berak ez zekien errukitzen. Errukia bigunkeria zen basapiztientzat. Ondo ikasi zuen edo erakutsi zioten zein zen eskumakila eta haginkadaren legea. Ez zen bera zakur urtetsua. Baina bere barnean eternitatea sentitzen zuen taupaka. Azalez, sutondoan esertzen zenean, edozeinek esango zuen, honelako eta halako zakur bat besterik ez zela. Baina barnean berak asaba zahar guztien odola zeraman, haien basakeria guztia. Guztiak zituen gogoan. Berak begiratzen zuena, begiratzen zuten haiek, berak jaten eta gozatzen zuena, gozatzen zuten haiek ere. Berak lo egiten zuenean, haiek ere lo egiten zuten. Zenbaitetan, basoaren deia entzuten zuenean, ezin zuen etsi eta han joaten zen, aurrera eta aurrera, basotan barna, nora jakin gabe, zergatirik gabe, baina beti aurrera. Baina hango lur gozo eta zuhaitzen itzaleraino iristen zen bezain pronto, berriro, John Thornton jaunari zion maitasunak atzera itzultzeko agintzen zion. Eta atzera itzultzen zen. Thornton zen, eta ez beste inor, lotzen zuena. Beste bidaztiak mehatxuak egiten zizkioten. Alferrik, ordea. Berak ez zituen sentitzen. Batzuetan, aspertuta urrutiratu ere egiten zen. Hans eta Pete, Thornton jaunaren sozioak itzuli ziren baltsarekin. Eta asko goratzen zuten bere gorputza, bizkortasuna eta abar. Baina berak ez zien kasu gehiegirik egiten. Bi haiek Thornton bezain jatorrak eta zakarrak ziren. Baina alferrik. Berak ere ulertu zuten nolakoa zen Buck eta geroztik bakean uzten zuten. Zakur batek edo ematen du adiskidetasuna edo utzi egin behar da. Beste aldetik bere nagusiarekiko maitasuna, bazirudien egunetik egunera, gero eta sakonagoa zela. Inork ez zuen Bucken lepagainean pisurik jarriko berak ez bazen. Berak esandakoa agindu sakratua zen Buckentzat. Behin, baltsa prestatu eta gero, Dawson herrian, guztiak itsaslabar baten gainean itsasoari begira zeuden. Harkaitz ebakia zen itsasoraino. Thornton jaunari ideia ero bat bururatu zitzaion. Eta esaten die Hans eta Pete bi lagunei: Ikusi, ikusi nolako zakurra. Eta agintzen dio: — Salta ezak Buck! Segituan jauzi zen amildegian bere gainera Buck. Biak harkaitz ebaki haietan, erdi borrokan korapilatu ziren, beste bi gizonak banatzeko zer egin ez zekitela. — Ikaragarria da — esaten zuen Petek. Eta Thorntonek: — Ikaragarria, ez, gehiago oraindik. Batzuetan neroni ere beldurra ematen dit. — Ez nuke, honek eraso batean harrapatzen duenaren larruan egon nahi — erantzun zion Petek. Eta besteak: — Ezta nik ere. Eta begira nondik, urtea bukatu baino lehen, Peteren beldur hura baieztatu zen Circle Cityko taberna batean. Bazen han, gizatxar bat, beti borrokan-eta ibiltzen zen horietakoa: “Black” Burton. Eta nola ez, kanpotar bat zirikatzen hasi zen, biak haserre bizian jarri arte. Thornton gizon bakezale zenez gero, bien artean jarri zitzaien, bake bila. Baina delako Black Burton horrek, ikaragarrizko muturrekoa eman zion Thornton jaunari, inongo abisurik gabe. Gizona balantzaka zen, ahoa odoletan zuela, ia erori arte. Mostradorearen gainean jarri zituen besoak. Han zegoen, noski, Buck, txokoan beti bezala nagusia zaintzen. Han zeudenak, halako batean, ez zaunka, ezta ulua ere, orroa entzun zuten, eta ikusi zuten lurretik tximista bezala Burtonen lepora salto egiten zuela Buckek. Gizonak, senaz edo, altxa zuen besoa. Hark salbatu zion bizia, baina atzeraka erori zen, Buck gainean zuelarik. Askatu zituen haginak gizonaren besotik, hain baitzeuzkan tinkatuak, eta berriro ere saiatu zen Burtonen lepoa harrapatzen. Oraingoan, hozkadak lepoa ebaki zion. Jendea Bucken gainera erori zen, eta lortu zuten guztien artean Buck urrutiratzea. Sendagileak lepo hura begiratzen zuen bitartean, Buck han zebilen, alde batetik bestera, amorru biziz, berriro ere gizon hura erasotzeko asmoz. Laster bertako jendeak bilera bat egin zuen, ia norena zitekeen errua ikusteko. Denak garbi ikusi zuten Bucken errua ez zela izan. Bera probokatua izan zela, alegia. Laster, Alaska guztian egundoko sona handia hartu zuen zakurrak. Beste behin ere, Buckek bere nagusiaren bizia salbatu zuen. Udazkena zen Forty Mile ibaiko urak bizi zetozen. Kanoa bat atoian eramaten ari ziren hiru lagunak. John, ontzitxoaren barnetik, arraun bat eskutan zuelarik. Bere bi lagunak ibai bazterrean, Hans eta Pete, zuhaitzez zuhaitz, lotu-askatu eginik, laguntzen zioten. Buck ibai ertzean zegoen, urduri eta larri, nagusiari begirik kendu gabe. Baina pixka bat beherago bazegoen harkaitz buru bat. Hura salbatu behar zen. Thornton jaunak arraunarekin indar eman nahi zion ontziari. Behaztopa hura salbatuta gero, urak halako zurrunbiloa egiten zuen, ze ustekabean ikaragarrizko abiaduran abiatu baitzen. Hans saiatu zen sokari heltzen. Nolabait heldu zion, baino bultzadaren indarrez, kanoa zilipurdika joan zer eta Thornton jauna hankaz gora. Ur nahasiak zeuden lekuraino, hain zuzen, lekurik txarreneraino. Handik bizirik irteten ez zen giro izango. Buckek jauzi egin zuen uretara, eta indar ikaragarriak eginaz, nagusia zegoen lekuraino ailegatu zen. Honek laster heldu zion, eta Buck igerian hasi zen bazterrera. Baina handik joatea oso zaila zen, zeren urak ikaragarrizko burrunba baitzekarren. Urak trumoi guztiak baino zarata gehiago egiten zuen harrien kontra mila pusketan lehertzen zenean. Thornton jaunak bazekien, egoera horretan, ez zuela sekulan bazterrera iristea lortuko. Larritasun hartan, harkaitz bati itsatsi zion, jo zuen beste bat, eta itxurarik gabeko indarrarekin hirugarren bat kolpatu zuen. Utzi zuen Buck eta Harkaitz irristakor bati heldu zion. — Zoaz lehorrera, Buck! — deiadar egin zion nagusiak. Lehorrera! Zakurrak ur gainetik altxa zuen burua, eta ur ertz aldera abiatu zen. Baina alferrik, ez zen erraz iritsiko. Ahalegin biziak egin zituen. Hans eta Petek atera zuten azkenean, ia gehiago ezin zuen une berean. Eskerrak horri, bestela txarrena ere gerta zitekeen. Hans eta Petek bazekiten, arroka irristakor batean ezin dela minutu batzuk besterik iraun. Ahal zuten arte korri egin zuten, txokotik, Thornton zegoen inguru samarreraino. Lotu zioten, kontuz, lepotik txakurrari soka. Buck ausarki abiatu zen nagusiaren tokiraino. Baina nahastu egin zen. Eta ez zen konturatu beranduegi izan arte. Thornton zegoenetik hamabiren bat metrotara pasa zen. Hansek tira zion sokatik. Buckek burua uretan sartu zuen, eta ibaiertza lortu arte ez zuen mugitzerik izan. Besteak sendo tiratzen zion. Hans eta Pete inguratu zitzaizkion, arnasa hartzen laguntzeko. Erdi itota zegoen gizagaixoa. Buck altxa zen, baina berehala lur jo zuen. Halako batean urrutitik entzun zen Thorntonen oihua. Isilik eta urrutitik. Denak, hitzak ez entzun arren, ulertu zuten, ezin zuela han segi, laster joango zela uretara. Argindar kolpe batek jo izan balu bezala, altxa zen Buck, eta berriro joan zen lehentxeago uretara salto egin zuen lekuraino. Lotu zioten berriro lepotik soka eta jauzi egin zuen berriro. Oraingoan ez zen nahastu. Lehengoan nahastu egin bazen, ez oraingoan. Batek soka tinko mantentzen zuen bitartean, besteak pixkana-pixkana askatzen zuen. Joan zen igerian Buck nagusia zegoen pareraino, eta gero tximista bezala abiatu zen, nagusiarengana. Iritsi zenean, nolabait, Thornton jaunak lepotik heldu zion. Hansek, badaezpada ere, soka zuhaitz bati lotu zion. Biak hasi ziren tiraka. Buck eta Thornton ur azpian galdu ziren. Besteak berriz, sokatik tiraka. Noizbait, lortu zuten biak zokoraino eramatea. Thornton erdi itota zegoen. Bere lagunak astindu zuten, ahoz behera etzan zuten, eta aurretik atzera, atzetik aurrera, bultzatzen zioten. Suspertu zenean, bere lehenengo begirada zakurrarentzat izan zen. Hau hilda bezala zegoen lurrean. Pixkana-pixkana animatu zen. Thorntonek begiratu zion, aztarrikatu zizkion bazterrak. Hiru saihets hautsiak aurkitu zizkion. Eta gero esan zuen: — Egina dago, gaur hemen geldituko gara. Hemen jarriko dugu kanpamentua. Eta han egon ziren, Buck indartu eta sendatu zen arte. Negu hartan, Buck zakurrak beste balentria latz bat egin zuen Dawson aldean. Orduz gero, bere izena Alaska guztian oso entzuna izan zen. Eta Thornton eta beste bi bazkideentzat oso dirubide ona izan zen. Han irabazi zuten diru hari esker, egin ahal zuten beti amets egin zuten bidai bikain bat, sortalde aldera. Eldorado izeneko taberna batean zeuden. Bakoitzak bere zakurrak goraipatzen zituen. Baina hain ospetsua zenez, denak Buck zuten gogoan. Hizketa aspertu hartan, batek esan zuen, bere zakurra gauza zela 500 libra kargarekin lera bat mugitzeko. Beste batek, ordea, seiehunekin ere gauza zela berea adierazi zuen, eta hirugarren batek zazpiehunekin. — Ba, ba! — esaten du Thorntonek, zaudete isilik. Buck gauza duk, baita mila libra eramateko ere. — Eta jeletatik askatu ere bai. Eta ehun metro eraman ere bai? — galdetu zion Matthewson zeritzan batek. Hango gizon dirudun bat zen. — Baita ere — erantzun zion arro Thortonek. — Ondo dago — erantzuten dio. Matthewsonek, denek entzuteko eran. Apustua doa, ezetz hori, mila dolar. Eta esaten zuen bitartean zakutxo txiki bat mahai gainera bota zuen. Ez zuen inork erantzun. Thorntonen harrokeriak izan zuen errepika. Thornton lotsatu ere egin zen. Masailak gorritzeraino. Azkar esan zuen, esan zuena. Ez baitzekien Buck gauza izango ote zen mila libra garraiatzeko. Tona erdi bat! Jaungoikoa! Esan zuenak berari ere beldur ematen zion. Bazuen, nola ez, Buckengan konfiantza. Pentsatu ere egin zuen sarritan, gauza izango zela halako pisu bat eramateko. Baina, frogatu, ez zuen frogatu. Dozena gizonen begiak beregain zituen, zer erantzungo, isilik. Beste aldetik, ez zeuzkan mila dolar. Ez berak, ez Hans edo Petek ere. — Kanpoan badut, hogei zaku berrogeita hamar librakoekin kargatutako lera. Beraz, ezer prestatu beharrik ez duzu. Thorntonek ez zion erantzun. Zer esan behar zuen? Bati begira, besteari begira, ezer pentsatzen ez zuelarik, non aurkituko animatuko zuen begirapen bat. Berehala, han ikusten du Jim O’Brien izeneko gizon aberats handi bat. Garai batetan adiskide izanak ziren. Eta sekula egitera atrebitu ez zena egitera ausartu zen: — Prestatuko al dizkidazu mila dolar? — galdetu zion. — Nola ez bada? Tori, badakit galdu egingo duzula baina... Eldorado barruan zeuden guztiak, antxintxika kaleratu ziren apustu ikaragarri hura ikusteko. Mahaiak segituan hustu ziren. Ehunka gizon pilatu ziren zakuz betetako leraren inguruan. Matthewson jaunaren lera mila librarekin kargatuak, bazeramatzan bi ordu atarian, eta han egiten zuen hotzarekin (30 gradu zero azpitik), zeharo itsatsia zegoen. Batzuek bota zuten trabesa: ezetz lera hura mugitu ere: bi bati. Gero eztabaida izan zen, zer esan nahi ote zuen lera askatzeak. O’Brien jaunak zioenez, lerak askatua egon behar zuen, Buckek egin behar zuena mugitu eta eramatea zen. Matthewson jaunak ezezkoa zioen. Desafio hura jarraitzen zuten gehienak bere alde zituen. Apustuaren proportzioa, hiru baten kontraraino igo zen. Ez zuen inork arriskatu nahi. Ez zegoen inor, Buckek irabaziko zuela uste zuenik. Thornton berak ere apustua ezinbestean onartu zuen; orain, ordea, lera kargatua ikusiaz, eta bertan egon ohi ziren hamar zakurrak begiztatuaz, gero eta ezinagoa iruditzen zitzaion apustu hura irabaztea. Matthewson pozik zegoen, ziur baitzegoen irabaziko zuela. — Nahi al dituzu beste mila jokatu? — galdetu zion Thornton jaunari. Thornton ordea, berotzen ari zen. Eta une hartan apustulari bihurtua zegoen. Hark ez zituen mila dolar. Bere bi lagunei, Hans eta Peteri deitu zien. Hiruren artean berrehun dolar bildu zituzten. Eta zer esanik ez, haientzat hura asko baitzen. Dena jokatu zuten. Gehiago ez, ez zeukatelako. Beraz, berak berrehun jokatzen zituzten, eta Matthewson jaunak hiru aldiz gehiago, seiehun. Lehendik lerak lotuak zeuzkan hamar zakurrak askatu zituzten. Eta Buck ipini zuten, bere txakur-tresnekin. Inguruko urduritasuna berari ere kutsatu zitzaion, eta nabaritzen zuen, zerbait inportantea egin zezakeela nagusiaren alde. Bere itxura ikustean jendeak, alaka miragarrizko bat bota zuen. Hura zen zakurra, gero! Bere gorputz hura, ikusi zuten ederrena zen. Ez zuen koipe izpirik ere sobran. Dena zen miragarri. Ilea distiratsua. Berak gorputzean zituen ehun eta berrogeita hamar librak, urrea pisatzen zuten, urrea balio zuten. Geldirik egon bere ile guztiak diz-diz egiten zuten, eta tinko jartzen zitzaizkion unetik unera. Bazirudien gorputz hartan sasoi gehiegia zegoela, bizi gehiegi zeukala eta bazter guztietatik ihes egiten ziola. Bere bular zabalak, hanka sendoak, denak bat zetozen gorputz bikain harekin. Jendeak zakur haren giharrak ikusi zituen. Burdinazkoak ziruditen. Orduan apustuak erdira jaitsi ziren: doble bakarrari. Bazegoen guzti haien artean inguru hartako aberats bat. Eta zera esan zion Thortoni: — Zortziehun dolar emango dizkizut zakur horregatik. Apustua bera egin baino lehen. Thornton jaunak ordea, buruarekin ezezkoa eman zion. — Urrutira manten zaitez — esaten zion Matthewson jaunak. Jokoa garbia izan bedi. Isildu ziren denak. Apustularien ahotsak entzuten ziren, doble bakarrari. Baina alferrik. Inork ez zuen jokatu nahi eta. Denek aitortzen zuten, zakur haren edertasuna, baina berrogeita hamar librako hogei zaku gehiegi ziren edozeinentzat ere. Ez zegoen zer eginik. Thornton belauniko jarri zen Bucken aurrean. Beso artean hartu zion burua, baina ez zion eragin jostari zenbaitetan bezala, ezta ere ez zizkion hitz zatarrak esan. Zera esan zion: — Erakuts iezadazu maite nauzula! Erakuts iezadazu maite nauzula! Buckek gogotsu uluka egin zion. Jende guztia hari begira zegoen. Gauza guztiak misterio handi bat hartu zuen. Konjura bat zirudien. Thornton altxa zenean, zakurrak hozkada egin zion eskularruz estalitako eskuan. Eta gogo txarrez bezala askatu zion. Urrutiratu zen Thornton. – Oraintxe Buck! Ekin...! — esan zion. Buckek tira zuen apurtxo bat uhaletatik. Gero zentimetro batzuk askatu zituen. Honela erakutsi zioten. — Arre! — ekin zion Thornton jaunak, isiltasun ikaragarri hartan. Buck eskuinera makurtu zen, eta uhal guztiak trinko jarri zituen; bere gorputz guztiaren pisu guztia gerarazi zioten uhalek. Pisuak karraska egin zuen, patintxoetatik. — Ezkerrera! — agindu zion Thorntonek. Buckek errepikatu zuen froga, oraingoan ezker aldera. Lehengo karraska, orain zartako bihurtu zen, lerak bere ardatzaren gainean dar-dar egin zuen eta zentimetro batzuk alde batera mugitu zen. Jendeak arnasari ere eusten zion, konturatu ere egin gabe. — Orain, arre. Thornton nagusiaren ordena, abisua izan zen. Buckek ekin zion aurrera, berebiziko indarrarekin; bere gorputzeko gihar guztiak korapilatu ziren, ile gozo hartan nabari arte. Bere bularrak ia lurra jotzen zuen eta hatzaparrak elurretan erretenak irekitzen zituzten. Bazirudien lera abiatzera zihoala. Halako batean, Buckek irrista egin zuen. Begira zegoen batek birao bat bota zuen. Gero elur-lera abiatu zen: astinaldika zihoan, baina aurrera. Baina jadanik ez zen lera gelditzen. Metro erdi bat... metro bete... bi metro... Astinaldiak gero eta errazagoak ziren. Lerak abiadura hartzen zuen. Buckek indarra gutxiagotu zuen orduan, martxa erraza eta arina bihurtu zen arte. Hasi zen jendea arnas hartzen, konturatu gabe, geldirik, hartu gabe egon zirela ere. Thornton leraren atzetik zihoan, hitz goxoak esanaz. Nondik norakoa aurretik erabakia izan zen. Eta Buck bukaerara iristen ari zen bezala, jendearen oihuak eta alakak indar hartuz joan ziren. Iritsi zenean denak txalo zartaka zeuden. Baita Matthewson bera ere. Zapiak eta kapelak lainotara igo ziren. Geroxeago guzti hark, eroetxe bat zirudien. Thornton belauniko jarri zen Bucken aurrean, estutu zion burua bere besoetan, eta alde batetik bestera astindu zuen. — Entzun, Thornton, — esaten zion lehengo aberatsak. Mila dolar emango nizkizuke zakur horregatik. Mila eta berrehun nahi baduzu. Thorntonen begiak bustiak zeuden. Bere begietatik malko lodiak zerizkion. — Jauna, ez ezta mundu guztiko urre guztiarengatik ere. Beraz utz nazazu bakean. Zakur eta nagusi, biek maitasun itsu batetan bezala, elkar estutu ziren. Begira zeudenak ere atzera jo zuten. Ez zuten bien arteko maitasun agerpen hura moztu nahi. VII. MISTERIOZKO DEIAREN OIHARTZUNA Bost minututan hainbeste diru irabaztea laguntza handia izan zen John Thornton eta bere bi lagunentzat. Aspalditik zituen zorrak kitatu zituen. Horretaz gainera, diru harekin ahal izan zuen bere amets bat betetzea: Sortaldera bidaia bat egitea. Aspalditik zuen lurralde haien entzuna. Oraindaino ez omen zen handik inor bizirik itzuli. Baina bazen sona, han ikaragarrizko urre-meategi bat zegoela. Aspaldiko sona zen hura. Hilzorian zegoen norbaitek handik ekarritako urre apurrak erakutsi ere egin omen zituen, inon inoiz ikusi ez ziren bezalako aleak. Bazter haietan ba omen zegoen erdi eroritako txabola bat ere. Horiek ziren sonak. Baina inor bizirik zegoenik ez zen gauza izan bazter haiez jabetzeko. Hildakoek bakea ematen zuten. Hala, prestatu ziren, bera, Pete eta Hans, Buck eta beste sei zakurrekin ibilaldi hura egitera. Hamaika joanak ziren. Denak porrot egin omen zuten. Abiatu ziren. Ibili zituz- ten astero hirurogeita hamar mila, Yukon gora, gero ezkerrera ekin zioten, Stewart izeneko ibaia gurutzatu zuten, eta aurrera, Stewart ibaia ari mehe pila bihurtu arte segi zuten. John Thornton ez zen gizon makal eta bigun horietakoa. Berak ez zion naturari askorik eskatzen. Bera gauza zen, ezer gutxirekin, fusila eta gatz pixka batekin, basoan barna joateko. Presarik gabe, ehizatzen zuena janaz. Beraz, lerako kargarik beharrezkoena munizioak eta jantziak ziren. Ez zuten pentsatu noiz bukatuko zen ere bidai hura. Buck ere pozik zihoan. Ez zituen lur bazter haiek ezagutzen. Baina, beretzat baso ilun haietan ibiltzea, eta ehizatzea, ikaragarrizko gozamena zen. Eguna etorri eta eguna joan, segi eta segi aurrera. Batzuetan gosea ere pasatzen zuten, nahiko ehizarik ez bazen. Hurrengoan, ordea, tripa ondo betetzen zuten. Iritsi zen uda, eta gizon eta zakur, baltsa gainetan ibili ziren, zenbait mendiarteko laku igarotzen. Hilabeteak bazihoazen, hilabeteak bazetozen. Beraiek, mugagabetasun handi hartan aurrera beti. Han ez zen gizonik bizi. Behar bada bai. Bestela, nola uler zitekeen txabola galduaren ipuina? Pasa zituzten mendi zintzurrak, zenbaitetan gauerdiko eguzkiari begira egon ziren. Elur eternalak kontenplatzen. Urtearen bukaeran, laku sail ilun eta triste batera ailegatu ziren. Bazirudien ez zela han inor bizi: haize izoztuaren orroa, izotz bloke galantak lur galduetan, eta itsas bazterreko olatuen soinu eresia. Beste negu batean ere han ibili ziren. Behin, norbaitek noizbait ireki zuen bide bat bilatu zuten. Handik Txabola Galdura joan behar zela zirudien. Baina hasiera eta bukaera gabeko bide bat besterik ez zen; nork egin ote zuen, zertarako, noiz...? Beste behin ere aurkitu zuten ehiztarien etxola bat eta barruan, herdoildutako fusil bat ere. Besterik ez, gizonen arrasto txikienik ere. Berriro ere udaberria heldu zen. Eta Thornton, Hans eta Petek ez zuten Txabola Galdua aurkitu, baina bai urre meategi bat. Han urrea, lurraren gainean ikusten zen. Hantxe gelditu ziren. Lanean gogotik hasi ziren. Ez zuten egun batean ere atsedenik hartzen. Egunero, diru pila irabazten zuten, milaka dolar. Urre hura, txukun-txukun, gamuza larruzko zakutan gordetzen zuten. Berak erabiltzen zuten txabolatik kanpo. Presaka lan egiten zuten, eta asko. Egunak azkar igarotzen ziren. Zakurrek ez zuten zer eginik. Han egoten ziren, alferrean, ederki asko. Edota Thonrtonek ehizatzen zuen ehiza ekarriaz. Buckek sutondoan, ordu luze luzeak igarotzen zituen. Gizon beso luzea, hanka motza, eta iletsua zetorkion burura. Irudimenezko eta aspaldiko mundu misteriotsu hura. Ametsezko mundu haren ezaugarri nagusienak, beldurra zela zirudien. Gizon hark bere bi eskuartean burua estaltzen zuelarik lo egiten zuenean, Buck konturatzen zen bere loa ere ez zela lasaia. Batzuetan erreka ondotik joan ohi zen, gizon beso luze iletsua eta atzetik Buck. Hankak prest edozein arrisku baldin bazetorren ihesari emateko. Batzuetan, isil isilik joan ohi ziren, gizona aurretik, Buck atzetik, dena begi-belarri, noiz arriskua aurkituko zain. Gizon hark, gainera, ikusmen eta usaimen ikaragarria baitzuen. Buck berak bezain ona. Zuhaitzetara igotzen zen, eta batetik bestera salto egiten zuen, bere etxean edo lurrean ibiliko balitz bezala. Zenbaitetan hosto artean lo egiten zuten. Amets guzti haiekin lotua zegoen berak barru barrutik basoarekiko sentitzen zuen dei ikaragarria. Dei honek gogo eta egonezin berezi bat sortzen zion. Ez zekien ziur zer sentitzen zuen. Zenbaitetan, basoan barna joan ohi zen, nahiz zaunka, nahiz isilik. Bere muturrarekin goroldioa milizkatzen zuen, edota erdi etzanda, aurrera abiatzen zen. Bestetan loreak usaintzen zituen, edota zuhaitz atzetan ezkutatzen zen, Beti erne zegoen nondik entzungo soinuren bat. Beharbada honela basoko deia errazago entzungo zuela iruditzen zitzaion. Baina ziur jakin gabe, zergatik jokatzen zuen horrela. Bultzada gogorra sentitzen zuen bere barnean. Halako batean, beharbada, lurrean etzanda erdi lotan zegoenean, ustekabe altxatzen zen eta abiatzen zen norabiderik gabe, korri, korri eta korri, bide ilunetatik, belartsuetatik, basalore artetik. Atsegin zitzaion bizi hura, hegaztien bizitza zaintzea. Behin egun osoa pasa zuen sasi artean, alde batetik bestera zebiltzan eperrei begira. Baina gehien-gehiena, ilunabarrean ibiltzea gustatzen zitzaion, basoko soinuak entzutea, soinu haien esanahia deszifratzea. Gau batean, larriduraz esnatu zen. Zerbait entzun zuen. Begiak egonezinik, sudurra erne, azaia tente. Basotik sekula baino hobeki zetorkion soinu berezi bat: ulua luze eta etsia. Eskimal zakurrek egiten duten modukoa. Baina desberdina. Baina dena dela, noizbait entzuna zuen ulua hura. Isilka gurutzatu zuen kanpamendua, eta basoko bideari ekin zion. Ulua hura entzun zuen lekura iristen ari zen bezala, bere ibilia eta pausoak motelak bihurtu ziren, arretatsuak. Eta basoko argiune batera iritsi zen. Hantxe, muturra zerura begira, atzeko hanketan jarrita otso ihar bat topatu zuen. Ez zuen zaratarik egin. Baina otsoa isildu zen eta norbait zebilela tankera eman zion. Buck ezkutalekutik irten zen, gorputza korapilatuta, beldurti, susmoz. Berak egiten zituen mugimendu guztien bidez, otso hura adiskidetasunera deitu nahi zuen. Baina otsoak hura ikusi zuenean, ihes egin zuen. Buckek atzetik jarraitu zion, salto eta salto, urduri. Erreka lehor baten ingurutik jarraiki zitzaion. Enbor erori batek mozten zuen bidea. Otsoak bidea moztua ikusi zuen eta hortz karraska hasi zen erasoaldiaren zain. Buckek, ordea, ez zuen eraso: inguratu zitzaion eta adiskidetasuna eskatu zion. Otsoa gaitzikorra zen, baina Buck bera baino hiru aldiz handiagoa zen. Beraz, gutxiena uste zuenean, berriz otsoak ihesari eman zion. Eta Buck atzetik. Noizbehinka, Buck bideratzen zitzaion, eta lehen bezala otsoa hortz karraska hasten zen. Otsoa indargabetu samarra zegoen. Bestela ezin zezakeen Buckek hain erraz harrapa. Atzetik, aurretik, nonahitik jarraitzen zion. Bucken iraupenak azkenean poza ekarri zuen. Konturatu zen otsoa, Buckek ez ziola okerrik egin nahi. Eta geraturik, elkar usaintzen hasi ziren. Gero adiskide egin ziren, eta jolas ere egin zuten, basoko animaliak jolasten dakiten eran. Geroxeago, otsoak hanka martxa bizkor eta motz bat hasi zuen. Bucki berekin etortzeko adierazi nahi zion. Eta errekastoen ingurutik abiatu ziren, ur korrontea pasatzen zen mendi zintzurreraino. Pasa zuten hura. Bestaldeko aldapa pasa zutenean, leku zelai batekin topatu ziren. Ur korronte asko zegoen han. Inguru haietatik orduak eta orduak korri zuten, eguzkia zeru gainean ipintzen zen bitartean. Buck pozik zegoen. Bazekien, azkenik, baso deiadarrari erantzuten ziola. Oroitzapen zaharrak zetozkion burura. Bera baino aurreragotik zituenak. Asaba zaharrengandik zituenak. Ez zituen orain itzal hutsak ikusten, errealitateak baizik. Lehen pentsamenduan zituenak, orain hankapean sentitzen zituen. Errekatxo baten ondoan gelditu ziren. Han zeudelarik, Buck bere nagusiaz oroitu zen. Otsoak basa-deiari erantzunik aurrera jarraitu zuen, eta Buck ere eginkizun berdinera bultza nahi zuen. Baina Buck atzera itzuli zen. Ordubetez atzetik etorri zitzaion bere anaia basatia, oihuka. Ez alferrik. Gero bere muturra zerurantz jasoaz, ulua zorrotzak botatzen hasi zen. Buckek entzun ahal izan zituen, azkenik, itzuleran belarrietatik galdu zitzaizkion arte. John Thornton afaltzen ari zen Buck itzuli zenean. Tximista bezain azkar sartu zen. Nahita, noski, bere nagusia zirikatzeagatik, eta koska bigunak eskuan eginaz. Atzeraka bota zuen nagusia honek betiko hitz zatar maitekorrak esaten zizkion bitartean. Bi egunen buruan ez zuen kanpamendua utzi. Beti nagusiaren atzetik, hark zer egingo zuen, beti erne. Lotan zegoela. Bai jaten zegoela. Esnatzen zenean han egongo zen bere zain. Gero, ordea, berriro hasi zen goibeltzen, eta berriro ere hasi zen basa-deia entzuten. Egonezina sortu zitzaion alderdi guztietatik. Hasi zen berriro ere basoan barna joaten, baina ez zuen entzun ahal izan bere basa-lagunaren deiadarra. Berriro hasi zen basoan lo egiten. Nonahi, zihoan bezala ehiza egin eta hura jan. Aurrera segi zuen, lehen otsoa abandonatu zuen lekuraino. Eta aurrerago. Ez zuen aurkitu. Erreka bazterrean izokinak ere arrantzatu zituen. Aurrerago hartz beltz bat ere bertan behera azpiratu zuen. Jakia erraz biltzen zuen. Bere odol gogoa ere gehiagotzen ari zen. Errukirik gabe hiltzen zuen. Baina bizitzeko behar zuena jateko bakarrik, ez apetaz, noski. Atsegin zitzaion bere burua garaile ikustea. Harrokeria berri bat sentitzen zuen gorputzaren alderdi guztietatik. Bere gurasoak odol oneko zakurrak izanik, hau haien oinordeko bikain eta ezin hobea atera zitzaien. Bere indarra, bere trebetasuna, basa-legean, egur-legean eta haginkada legean ikasi zuenarekin, inguru hartan izan zitekeen animaliarik bizkorrena eta trebeenean bihurtzen zuten. Thornton jaunak bere hatzaparra lepa gainetik pasatzen zionean, ile guztia tente jartzen zitzaion, bizi soberazko guztia piztuko balitzaio bezala. Edozein gertakizunaren aurrean zer egin behar, berehala erabakitzen zuen. Eta ezin baino hobekiago. Hala esaten zuen behin eta berriro, bere nagusi Thorntonek: — Behin ere ez dut ikusi halako zakurrik. Harrigarria da. — Ezta nik ere — erantzuten zuen besteak. — Nik ere ez — hirugarrenak. Hiru gizonek ikusi zuten askotan basotara ihes egiten. Oraingoan ere bai. Baina ez ziren ohartzen ongi, ze aldaketa sortzen zen haren gorputz barruan, behin basora sartzen zenetik. Hura ez zen joatea. Hura tximista baten ibilera zen. Itzal iheskor baten pausoa. Ondo zekien gordelekuak aprobetxatzen, lurrean, tripa gainean, sugeak bezala arrastatzen, habiatik hegaztiak harrapatzen, katagorriak eskuratzen. Arrainak ez ziren bizkorrak beretzat. Baina ez zuen hiltzeagatik hiltzen. Bizibeharrez baizik. Baina nahiago zuen berak ehizatzen zuena jan, eta ez besteengandik zetorkiona. Sarritan jolas egin ere egiten zuen. Joan ohi zen katagorrien ingururaino eta ia hortzetan zituenean, hauek ihes beldurtia egiten zuten, barregarri. Udazkena iritsi zenean, altze (lurralde haietako animalia da) talde bat azaldu zen. Behin bat hil zuen. Baina ez nahiko handia. Berak oraindik ere animalia handiagoak behar zituen. Hala, beste batean, ikusi zuen beste altze talde bat inguratzen. Haien buru ikaragarrizko altze arra zetorren. Ia bi metro luzeran, adarrak luzeak eta zorrotzak. Hura izan zitekeen Buck zakurrak nahi zuen bezainbateko etsaia. Buck ikusi zuenean bere bi begiak haserre bizian zuzendu zizkion eta orroa bota zion. Saihets batetik zintzilika gezi puskatu bat zeraman. Ze horrek esan nahi baitzuen, norbaitek noizbait zauritu zuela. Baina hiltzea lortu gabe. Baina umorea txartzeko asko izan zuen. Buckek erabaki zuen hura izango zela bere hurrengo ehiza. Lan zaila, noski. Halako animaliatzar bat izanik, handia, sendoa eta basatia. Saiatu zen bada, taldetik urrutiratzen. Altze hark ikaragarrizko adarkadak botatzen zizkion. Ez alferrik. Ez baitzuen sekula ere harrapatzen. Zuhurra izaki zakurra. Eguna joan eta eguna etorri. Altzeak ezin zuen bere ingurutik zakur hura urrutiratu. Honek ere taldetik urruntzea lortzen bazuen, beste lagunak etortzen ziren taldean barneratuz. Egonarri luzeko lana. Baina hori ere bazuen Buckek. Eta horrela gozatzen zuen. Basoko animaliak egonarri handikoak izan ohi omen dira. Bai ehizan, bai beste eginkizunetan. Egunak eta egunak geldirik egon behar baldin bada, hura egiteko gauza dira. Hori bera zuen Buckek. Altze-talde guztia haserre zegoen, oso, haserre zakur harekin. Bere ibilera atzeratzen baitzuen, arrak haserretzeraino. Emeak ere muturtuak zebiltzan, eta altze zaurituak ezin zuen gehiago. Alferrik ziren bere adarkadak, alferrik bere ekite guztiak. Ezin zuen gehiago. Buckek gero eta grinatsuago jarraitzen zuen, non taldea izutuaz, non arra handi hura zirikatuaz. Eguna bukatzera zihoan eran, altze arrak, ez ziren jadanik hain gustura altze nagusiarengana joaten. Aspertu ziren. Negua bazetorren eta ezin zitezkeen atzeratu. Eta ezin gainetik kendu zakur amorratu hura. Gainera ez zen talde guztia arriskuan zegoena, baizik altze zahar hura. Zer egin? Azkenik, abandonatu zuten. Azkenik, laugarren egunean eraitsi zuen bere ehiza. Egun eta gau osoa egon zen bere harrapakin haren ondoan. Gero berriro ere, kanpamendu aldera, bere nagusiarengana itzultzea erabaki zuen. Urruti egon arren, hark ez zuen behin ere bidea galtzen. Ez zen behin ere nahasten. Aurrera eta aurrera zihoala, konturatzen zen, hura ez zegoela udan bezala, berak utzi zuen garai hartan bezala. Urtaroa aldatu zen, eta harekin batera bizitza guztia ere bai. Udaberria zen, begira gero zenbat denbora pasa zen. Txoriak adierazten zuten, loreak eta hego haize goxoak ere bai. Buck une batean geldirik geratu zen, goizeko haize freskoa hartzeko. Haize hark, halakoxe mezu berezi bat bidali zion. Nonbaitetik usaintzen hasi zen gertaera okerren bat. Zoritxarren bat. Dagoeneko gertatu ez bazen, edo hor nonbait. Zer ote zen bada? Azkenengo maldak gurutzatu zituenean, kanpamendu aldera abiatu zen. Baina ez azkar eta presaka, baizik eta poliki eta kontuz. Kanpamenturako hiruren bat kilometro falta zitzaizkion. Eta aztarna berriak aurkitu zituen. Aztarna haiek bere kanpamendura eta bere nagusia bizi zen lekura zihoazen. Buckek pausoa azkartu zuen, larri zen, mila seinale berri nabaritzen zituen han. Hegaztiak ere alde eginak ziren. Basoa isilegi zegoen. Katagorriak ere beldurti ezkutatuak. Bat bakarra aurkitu zuen: lodi-lodia, gris-grisa, enbor handi baten kontra zapaldua, egurraren zati bat balitz bezala. Zuhaitz batzuk pasa zituenean, bere sudurrak beste alde batera jirarazi zion. Indar berezi batek harantz bultza izan balu bezala. Sasi batzuetaraino iritsi zen. Han zegoen Nik hilda, gezi bat zuela gorputzean alderik alde. Ehun metro aurrerago, Buckek, Thorntonen beste zakur bat aurkitu zuen, hain zuzen Dawsonen erositakoa. Oraindik ere bizirik zegoen zakurra, azken azkenetan. Buck ez zen gelditu ere egin. Kanpamentu aldetik halakoxe zurrumurru berezi bat iristen zen, abesti monotono bat izango balitz bezala. Arrastaka-arrastaka zihoala Hans aurkitu zuen. Hura ere hilda, geziaz josia eta ahoz behera. Une hartan, lehen kanpamentua zen lekura begira jarri zen. Han ikusi zuenak, bere ile guztiak dardarka jarri zizkion. Amorrazio bizi batek heldu zion gorputz guztitik. Ikaragarrizko orroa bota zuen. Burua galdu zuen. Etxolaren ondoan yeehats izeneko indioak dantza eta balantza ari ziren, halako batetan orro ikaragarri hura entzun zutenean. Berehala, bere gain eta ustekabean, animalia handi eta ezezagun bat etorri zitzaien, amorru biziz josia. Basa piztirik txarrena baino okerragoa zen. Buck bera. Buckek ikusi zuen indiarren artean bat, besteen gainetik jarrita. Haien jauntxoa izan behar zuen, zirudienez. Haren gain erori zen, azkarki. Lurrera bota zuen hankaz gora. Etsai guztiak nahasi ziren, zer gertatzen zen ere ia ez zekitela. Izutu ziren. Beren burua hilda lepoa odolduta zegoen lurrean. Indioek beldur larri hartan, batzuek bere burua hil zuten geziz eta lantzaz, besteak Bucken hortz errukigabeen artean hil ziren, puskatuak. Buck deabru bat zen, deabru gorri bat. Yeehats guztiak, basamortuan barna sakabanatu ziren, norantz ez zekitela. Beldur hark eraginda ez zuten astebetean berriro elkartzerik izan. Urrutiko zelai batean elkartu ziren berriro, hilak kontatzeko, eta jauntxo berria hautatzeko. Buckek jazarri zituen alde guztietan. Gero berriro itzuli zen kanpamendura. Pete maindire artean hila zegoen. Ez zitzaien hain erraza izan, zirudienez, Thornton jauna hiltzea. Haren oinatzak ibai bateraino iristen ziren. Haraino ihesi joan zen zirudienez, atzera eta atzera. Han galtzen ziren bere arrastoak. Seguru asko ur azpian egongo zen, zeren Buckek ere ez baitzuen haren seinalerik aurkitu. Buckek egun guztia ibai haren ondoan pasa zuen, negar batean, lasai ez. Ondo zekien bere nagusi Thornton hila zegoela ur azpi haietan. Hutsune ikaragarria nabaritzen zuen bere barruan. Gosea baino ere sakonagoa. Batzuetan, amorrazioak belarriak ere gorri-gorri jartzen zizkionean, yeeths hilak zeuden lekuraino joan ohi zen, uluka eta biraokaoka. Harro, berak hil zituelako. Sekula baino harroago. Ez zuen behin ere gizonik hil. Eta bera egin zitzaion gauzarik errazena. Otso zakurra hiltzea mila bider zailagoa da. Ez balitu bere eskutan, zigorrak, makilak, laster eraitsiko luke. Baina aurrerantzean ez zuen uste haien beldur izango zenik. A! hori bai, ikusten bazituen geziekin, eskumakilekin edo zigorrarekin, orduan gauzak asko aldatzen ziren. Gaua iritsi zen. Ilargi amandrea, zeruaren erdian zegoen. Zeruko berri onak bidaliaz. Basoak, deiadar berezi bat zuen orain Buckentzat. Entzuten eta usaintzen gelditu zen. Urrutitik ulua bereziak nabari zituen, lehen ere entzunak zituen haren antzekoak. Baina uluak gero eta garbiago entzuten ziren. Bere buruan hainbat aldiz amets egindako ulua haiek berak ziren, baina orain errealitatean. Dardaraz abiatu zen harantz. Zelai erdian gelditu zen, ilargi garbia ikusten zen lekune batean. Berari deitzen zioten. Haren esana bete behar zuen. John Thornton jauna hila zegoen, eta azkeneko katea ere hautsia zuen. Gizonaren maitasunak ez zuen gehiago inoiz inola lotuko. Ehizaren atzetik, otsoak urrutitik etorri ziren halako batean Bucken erresumara. Ilargiaren mantupean iritsi ziren. Buck, erdi erdian zegoen, hari begira, mirespen batean, geldirik, haien zain. Otsoak harritu ere egin ziren hain handia eta hain geldirik ikusi zutenean. Une batean denak isildu ziren. Gero, ordea, haien arteko ausartena gainera bota zitzaion. Tximista batek baino bizkorrago erantzun zion Buckek, eta garondoa moztu zion koska batean. Gero, berriz ere, ezer gertatu ez balitz bezala, lehengo posturan jarri zen, geldi geldirik, ilargiari begira, ondoan otso erdi hila zuela. Geroxeago beste hiru otso ausartu ziren hura erasotzera. Hirurak, odolduta atzera egin zuten. Hori ikusi zuten besteek, eta ezin eramanik, denak batera haren kontra bota ziren. Baina Buck, guzti haiek baino arinagoa zen. Bere atzeko hanken gainean jarririk, eskuin ezker izugarrizko haginkadak botatzen zituen. Denak batera ez ziren nahiko hura menderatzeko. Erreka bidetik atzera eta atzera ekin zuen, nahita. Hantxe bazegoen lur mutur bat. Han babestu zen. Orain aski zuen aurretik zetozenen kontra bakarrik borroka egitea. Saihetsetan urak babesten baitzuen. Biziki otsoak atzera jo zuten. Ezin zuten haren kontra. Denak nekatuak zeuden, beren mingaina ia lurreraino iristen zelarik. Bere hagin zuriak ilargipean dir-dir egiten zutelarik. Batzuek Bucki begira gelditu ziren, besteak ura edaten. Geroxeago, otso zahar eta ihar bat inguratu zitzaion. Buckek laster ezagutu zuen. Hura baitzen, berak behin basoan ikusi zuen otsoa, hura bera. Otsoak oihu arin batzuk egiten zituen. Eta erantzuna hartu zuenean, Bucken muturra milizkatu zuen. Gero beste otso zahar eta ihar bat inguratu zen. Buckek ez zekien edota erasoko zion edota zertara ote zetorren. Inguratzean ordea, Bucken muturraren kontra marruskatu zuen berea. Eseri zen, altxa zuen burua zerurantz eta garrasi egin zuen. Besteek berdin egin zuten. Orain bai, Buckek ulertu zuen deiadar hura. Bera ere eseri zen eta berak ere garrasi egin zuen. Zeremonia hura bukatu zenean, otso guztiak inguratu zuten Buck, begira eta aztertuz. Buru egiten zutenak aurretik abiatu ziren basoan barna, atzetik talde guztia zihoalarik. Denak ulua egiten zuten, guztiak batera. Buck ere haiekin abiatu zen, basoko anaiekin batera, haiek bezala ulua eginaz. Hemen buka zitekeen Bucken historia. Urte asko pasa baino lehen yeehats indioak konturatu ziren, basoko otsoen arraza zerbait aldatua zetorrela. Buru gainean, eta muturrean mantxa ilun batzuk zituzten. Eta bularrean ile-mataza zuria. Baina yeehats haiek gogoan dute oraindik zakur fantasma haren erasoaldia. Beti taldearen aurretik joaten omen da. Haren beldur dira. Beste guztiak baino bizkorragoa da eta negu gorrian, janariak osten dizkie. Haiek jarritako tranpa guztiak ez dute ezertarako balio eta ehiztariak ere sekula ezin dute txakur haren kontra ezer egin. Are eta gehiago. Ba omen dira ehiztariak sekula etxera itzultzen ez direnak. Haietako batzuk lepoko zainak ebakita topatu dituzte. Baina ez omen dira otso normal baten haginak, handiagoak eta zorrotzagoak omen dira. Udazkenetan, yeehats horiek, altze basabereen atzetik doazenean, erne ibiltzen dira otsoekin eta Buckekin ez topatzeko. Emakumeak ere triste jartzen dira, leku hura espiritu gaiztoen zelaia dela esaten dietenean. Uda etortzen denean, bisitari ezezagun bat joaten da leku hartara. Ile eder eta argiko otso bat da. Bakarrik jaisten da. Basoak igarota gero, ibai baten ondoan pasatzen du egun guztia. Haien inguruan ba omen daude oraindik ere gamuzazko zaku batzuk, metal horiz beteak. Baina guztiak gainetik belar berde batek estaltzen ditu. Han egon ohi da otso handi hori, uluka. Baina ez omen dago beti bakarrik. Neguko gau gorritan, otsoak goitik behera janari bila datozenean, hura etortzen da guztien buru. Guztiak baino nagusiagoa, harroagoa, ederragoa, ilargi argipean edota egunsenti borealpean. Bere muturra gora begira jartzen omen du, eta aspaldi aspaldiko kantu ulua botatzen omen du: talde guztiaren abesti zahar, triste eta misteriotsua.
AURKIBIDEA XVIII. TOMEN AMETSA XIX. EZ ZITZAIDAN BURURATU XX. TOMEK ORDAINTZEN DU BECKYREN ZIGORRA XXI. HITZ JARIOAK ETA MAISUAREN URREZKO BURU SOILUNEA XXII. HUCK FINN IDAZTI SAINDUEN ZITATZAILE XXIII. MUFF POTTER SALBATU NAHI XXIV. EGUNAK ALAI, GAUAK TRISTE XXVI. BENETAKO LAPURREK ZEUKATEN ALTXORRA XXVII. ARRASTOEN ATZETIK XVIII. TOMEN AMETSA Hura izan Tomen sekretua: bere eta bere bi lagun piraten hiletatara herrira itzultzea. Missouri ibai ertzean eta enbor baten gainean joan ziren larunbat ilunabarrean; herritik zazpiren bat kilometrotara. Egunsentiak argitzen hasi zueneko jaiki eta herrirantz abiatu ziren, isil misilean, bide ezezagunetatik, ez baitzuten nahi inork ikusterik. Iritsi ziren elizaraino eta bertan izkutatu ziren, galeria ilunetan, aulki eta hauts artean. Astelehen goizean izeba Polly eta Mary sekula baino maitagarriagoak zeuden. Tomen gogo guztiak konplitzeko prest. Luzaro ari izan ziren berriketan. Ezin bukatu. Halako batean zera zioen izeba Pollyk: —Dena dela, dena dela, zuek egin duzuen hori ere... guztia ondo dagoenik ezin esan. Hemen herrian, gu guztiok penak hiltzen ari ginen bitartean, zuek jolas besterik ez zenuten egiten. Hori ez dago ondo... Zuek gozatzen eta gu... penaz lehertzen. Eta egia baldin bada (eta badakit hala dela), zuen hiletetara enbor baten gainean etorri ahal izan duzuela, ezin al zenezaken beste hainbeste eginaz etxera etorri eta neri bizirik zeundela esan edo adierazi? E...? —Noski egin zezakeela —esaten du Maryk—, baina ez zitzaion bururatuko... Bestela egingo zuen bai. —Egia al da hori? —esaten dio Izeba Pollyk begi bizi—, egia al da bururatu izan balitzaizu egingo zenuela hainbeste niregatik? —Ba... ez dakit ba... Beharbada gure plan guztiak izorratuko ziren eta... —Ai Tom, —izeba Pollyk—, beraz hor dago zuk neri didazun maitasunaren muga. Muga koskorra. Ez al zara konturatzen zenbat kontsolatuko nintzen ni... —Bueno, izeba... —erantzuten du Pollyk— badakigu ondo zein den Tom. Beti korrika dabil, eta ez da ezertaz gogoratu ere egiten. —Okerrago oraindik. Hori esanda ez duzu ezer konpondu. Sidek bai, egingo zuen. Bai hori. Ai, Tom, zuk ematen dizkidazun atsekabeak. Gogoratuko zara, bai, noizbait. Orduan alferrik izango da, ordea. —Bueno, izeba, hainbestetarako ere ez da. —Ez dakit ez den hala ba den. Nik ikusten dudana esaten dut. Gauzak demostratu egin behar baitira. Hori... demostratu. —Arraio, ba... nahiago nuke zutaz oroitu izan banintz. Bueno, baina egia esateko, behin zurekin amets egin nuen. Zerbait da, ez da? —Bueno, bueno, bai, zerbait da. Katu batek ere ia egin dezake hainbeste, Zer amets egin zenuen?—Ba... zera amets egin nuen: asteazken gauean zu hor eserita zeundela egin nuen amets, ohe ondoan. Sid kajoi ondoan eta Mary harekin batera. —Ba... bai, halaxe geunden ba. Horrela esertzen gara beti. Benetan zure ametsa oraingoz ez da ikaragarri originala... —Joe Harperren ama ere hemen zegoela amets egin nuen... —Ba... bai, hementxe zegoen ba... Eta zer gehiago amets egin zenuen? —Gauza gehiago ere bai... baina ez naiz behar bezala gogoratzen. Dena lainopean bezala oroitzen naiz. —Ba... ahalegindu zaitez. Ia gogoratzen zaren! —Ba... iruditzen zait haizeak zera... itzali zuela... —Bai, Tom, bai, zerbait itzali zuen. Zer itzali zuen...? —Orain, orain, gogoratzen naiz. Kandela piztua itzali zuen. —Gora dezagun Jaungoikoa. Segi Tom, segi aurrera.—Eta uste dut zuk esan zenuela...: Baina... nola? atea irekita dago eta...! —Egia da horixe berbera esan nuela. Egia borobila… Ez al zara gogoratzen, Mary? Bai, bai. Segi, segi... —Bai, bai, orduan, uste dut... uste dut... zuk zerbaitea bidali zenuela Sid... —Noski, bidali nuela... Zertara bidali nuen —galdetzen dio izebak zeharo urduri—. —Bai, atea itxitzera bidali zenuen. Hori da, atea itxitzera. —Jaungoiko maitea... Ez dut sekula horrelakorik entzun. Ez iezadazue gehiago esan ametsak egiarik ez dutenik. Hauxe entzungo balu hauzoko Sereny Harperrek. Baina laster esango diot, hori bai. Beti esaten dit, gauza horiek superstizioak, aztikeriak, direla... Segi, Tom. —Eta orduan zu negarrez hasi zinen. —Bai, Tom, bai negarrez hasi nintzen. Baina aurretik ere egin nuen hamaika aldiz. Ez zen lehenengo aldia. Eta orduan... orduan zer? Esan, Tom... orduan zer? —Ba... orduan Harper etxekoandreak ere negarrari ekin zion. Eta pena haundia zuen, ze krema... jan zuelako jo baitzuen bere semea. Berez aski ez bazuen era hartan astindu zuen... Izan ere, berak bota baitzuen krema hura txarra zegoelako... —Tom, Tom, ispiritu guztiak zurekin zeuden. O zeruko santu eta santa guztiak. Zer da hau? Segi ,Tom, aurrera. —Gero, Sidek zera esan zuen... zera... —Ez dut uste ezer esan nuenik — Sidek—. —Noski, baietz, esan zenuela, —Maryk—. —Zuek isildu eta hitz egin beza Tomek. Zer esan zuen, Tom? — Bai... nahiago zukeela orain nengoen lekuan ondo banengo. Baina zenbaitetan hobea izan banintz... —Entzun al duzue hori —Pollyk—. Entzun al duzue hori? Hitz horiek berberak esan zituen. —Eta zuk, haserretuta, isil erazi zenuen. —Ez, ez, ez, ez da posible. Hemen aingeruren bat ibili da tartean. —Gero Harper andreak, Joek zuri batez izutu zuela adierazi zuen. Zuk Peterren kasua esplikatu zenion eta Mirarizko gantzuaren kasua ere bai. —Bai, Tom, esan duzun guztia egia da, ni bizi naizela egia den bezalaxe. —Gero, gure berriak eman zenituzten: nola zebiltzan errekan gure bila, zaila izango zela aurkitzea. Berririk ez bazen, igandean egin beharko zirela elizkizunak. Honela negarrez, besarkatu eta agurtu zineten. —Horrelaxe gertatu zen. Ikusi bazenu ere ez zenuen hobekiago adieraziko. Eta gero...? Segi, Tom, segi! —Gero nitaz otoitzean egon zinen. Esaten zenituen hitz guztiak entzuten nituen. Eta oheratu egin zinen. Hainbesteko pena zenuen, ze nik orduan, zuhaitz baten azala hartu eta hauxe idatzi nuen: “Ez gaude hilda. Bizirik gaude. Itsaslapurren abentura egiten”. Eta azal idatzi hura zure mesanotxean gainean utzi nuen, kandela itzaliaren ondoan. Gero makurtu eta musu bat eman nizun. —Hori egin al zenuen? Hori egiteko gauza izan al zinen? Ai, Tom, guzti- guzti-guztia barkatzen dizut. Eta besarkada eman zion. Baina Tomen barrua ez zuen besarkada hark lasaitu. —O... ze polita izan den guztia —Sidek iseka— Oso oooooso amets polita izan da. —Zaude isilik, Sid. Amets egiten duten berbera egiten dute pertsonek bizitzan ere. Tori, har ezazu sagar eder hau. Bizirik itzultzen bazina ere gordeta neukan. Eta orain, eskolara... Mila esker eman behar dizkiot Jaunari, bizirik zaitugulako. Hura oso errukitsua da. Nik ez dut hori merezi. Baina, merezi dutenei bakarrik emango balie, seguru zerua hutsik egongo litzatekela. Azken egunean apenas inork zerurako bidea hartuko lukeen...! Goazen, Sid, Mary, Tom... Alde, alde eskolara, oraingoz nahikoa dugu eta. Neska mutilak eskolara abiatu ziren. Izeba Pollyk, ez zituen bost minutu etxean egin. Bai, bai, ba zihoan Harperren etxera, amets hura esplikatzera. Sinesgaitza zen baina... oraingoan sinestuko zuen. Garbiago...! Sidek ordea, martxan zeraman buruko errota. Esplikazio guzti hark, ba- zuen hamaika gauza susmagarri. Hain amets luze bat eta akats edo hanka sartze bat ere egin gabe azaldua... Uuuum! Tok! Tom eroi bat zen. Ez zen orain nolanahi korrika eta astoaren gisa ibiliko. Bai zera... orain inportantea zen... Han zebilen gorputza kulunka eskuin ezker, pirata bati zegokion moduan. Guztiak harrituta zeuzkan. Hura mutila, hura itsaslapur trebea. Egia hutsa baitzen. Tomek, ongi entzun eta ikusten zituen, bere inguruan ahoz aho somatzen zuten hizketaldi guztiak. Baina... berak, ezer entzungo ez balu bezala... Ume txiki guztiak, inguruan zituen orpoz orpo. Guztiak berari begira. Bera hantxe erdian, guztien artzain edo animali domatzaile balitz bezala. Pozik, Tomek bere inguruan onartzen zituelako. Bere adineko mutilak, ezer pasa izan ez balitz bezala agertzen ziren. Baina, alferrik; izugarrizko enbidia sentitzen zuten barnean... Nork ez zuen guztia emango, halako azal beltz hura edukitzeagatik? Hamaika borroka eta enbata eta haize artean zaildu eta belztutakoa. Hura bezala eroi bat kontsideratua izateagatik? Tomek ongi zekien. Mutilek beste konturik ez zuten eskolan. Azkenik bi eroiak, Tom eta Joe, gogaikarriak bihurtu ziren. Beti beren kontuak esaten. Bat egin bazuten, hamar aldiz haundiagoak. Eta hasi berriak ziren. Beraz irudimen bero hartatik atera zitekeen matrakaldia hark ez zuen bukaerarik. Bitartean, pausaz mugitzen ziren, eskuetan delako pipa bedeinkatuak zituztela, kekada borobildu eta garrantzitsuak botaz. Tomek ia ez zuen Becky Thatcher neskatoaren beharrik. Nahikoa zuen bere famarekin. Fama hartarako bizi nahi zuen. Orain alferrik izango ziren bere zurikeriak. Ez zituen onartuko. Lehen bera portatu zen bezala portatzeko gauza zen. Eta hara ba... Becky azaldu zen. Tomek ordea ezikusia egin zion. Urrutiratuaz, beste neska mutil talde batekin hasi zen kontutan. Laster konturatu zen, nola zebilen Becky. Begi bizi, antxintxika eta brometan... nor harrapatuko eskuinetik, nor harrapatu- ko ezkerretik. Baina, norbait harrapatzen zuenean, beti bere inguruan egiten zuen.. Eta nahigabe begirapen bat botatzen zion. Hura aski izan zuen Tomek bere harrokeria gainditzeko. Orduan eta ezikusi nabariagoa egingo zion. Kuadrilla hartan amilduta balego bezala, neska ez balitz bezala. Geroxeago, neska geratu zen, nora ez zekiela, honantz eta harantz. Noizbehinka begirada galduak jaurtiaz. Triste. Konturatu ere egin zen, nola hitz egiten zuen Tomek Amyrekin. Besteekin baino gogotsuago. Kezkatu zen, zeloz beterik eta urrutiratu. Ez zekien zer egin. Inguruan zegoen neska inguratu zitzaion, interes itxuraz. —Kaixo, Mary Austin. Alfer alaena! Nolaz ez zinen igandean Dotrinara joan? —Nola ezetz? Hantxe nintzen eta... —Non? Ez zintudan ba ikusi... —Beti bezala neska, Peter andereñoarekin nengoen... Nik zu ikusi zintudan ba... —Benetan? Harrigarria da. Aizu, ibilaldi batez hitz egin nahi nuen zurekin. —Benetan? Nork eratzen du ba? —Nik inbitatzen zaituztet. Amak ez dit ezezkorik esango, noski. —Oso ongi. Joango naizela uste dut. —Noski baietz. Merienda nire izenean jarriko dut. Nik nahi ditudanak joango dira. Eta zu ere etortzea nahi nuke. —Oso ondo, eta noiz izango da hori? —Laster. Behar bada, oporretan. —O...! zein ongi pasako dugun! Neska eta mutilak inbitatuko dituzu, noski, ezta? —Bai, bai, nire lagun diren guztiak, eta izan nahi duten guztiak. Zeharka begiratu zion Tomi. Baina honek bazuen zer esan ugari Amy Lawrenceri. Zer nolako ekaitza izan zen irlan. Tximistak jota enborren adarrak nola hautsi zituen. —Ni inbitatuko al nauzu —Grazie Millerrek—. —Bai. —Eta ni? —Sally Rogerrek—. —Baita. —Eta ni —Susyk—. Eta Joe? —Baita. Denak nahi zuten meriendara joan eta baimena eskatu zioten. Bik ez ordea, Tom eta Amyk. Orduan, Tom hozki urrutiratu zen bere lagunarekin. Dar-dar egiten zioten Beckyri ezpainek, eta begi biak busti zitzaizkion; hizketan jarraitu zuen. Baina alferrik. Bizitasunak zeharo aldegin zion. Eta ahal izan zuen bezain azkar urrutiratu zen, negar egitera. Barrua hustutzera. Harri baten gainean eseri zen, kanpaiak jo zuen arte. Susto bat hartu balu bezala altxa zen. Bi mototsak atzera joan zitezen eragin zuen. Eta ideia berri bat bazuela nolabait adierazi zuen. Jolas garaia iritsi zenean Tomek Amyrekin jarraitu zuen berriketan. Alde batetik bestera paseatuaz, non Becky aurkituko eta bere bistan aurrean pasako. Bazekien zer nolako mina egiten zion. Izurra zedila. Azkenean ikusi zuen eta bere umorea kolpean jaitsi zen. Eskola atzean zegoen aulki batean jarrita, Alfredo Temple ondoan zuelarik. Liburu bat ikusten ari ziren. Bi buruak ondoan, inguruan beste ezer ez balego bezala. Maite zeloek zulatu zuten barruan odola berotzeraino. Hamaika damu sentitzen zuen Beckyrekin bakea egiteko gauza izan ez zelako. Azkenean Amyren hizketaldia Tomi aspergarria iruditzen hasi zitzaion. Ezin eraman. Aitzaki-maitzaki hasi zen. Hau egin behar zuela, hura egin behar zuela. Negargura ere etorri zitzaion. Baina, pirata batek hori nola egin? Tonto arraioa zen, besterik ez. Amyk lehen bezain alai jarraitu zuen. Ez, ordea, Tomek. Hizketarako ganora galdu zuen. Amyk zerbait esaten bazion, berak ez zuen entzuten. Hamaika aldiz erantzunen bat eman behar bazen, nolabaiteko “bai, bai” esan eta aurrera. Batzuetan ordea, ez zen erantzun egokia. Behin eta berriro itzuli zen eskola atzera, bere begiak odoltzen zitzaizkion bitartean. Ezin etsi. Okerrena zera zen: Becky, hala zirudien, ez zela ezertaz konturatzen. Ezta somatu ere han norbait zebilenik. Are eta gutxiago bera. Inor munduan biziko ez balitz bezala. Baina neskak bazekien non zebilen Tom. Eta ondo zekien, borroka irabazten ari zela, eta pozik zegoen sufritzen zegoelako. Neskaren malezia! Amy, ordea, jo ta ke, ezin isildu: “Madarikatua! —zioen bere golkorako—. Ez ote dut neska hau isiltzea eta uxatzea lortuko?” Azkenean, noizbait, bat zela eta bestea zela, Tomek eskola barrura aldegin zuen. Neskak gero ere han egongo zela agindu zion. Oraindik ere... —Alua —zioen Tomek—, nor da nire etsai eta tonto eskas hori. Inguruan den txulorik haundien hori nire etsai. Zer uste duk, hain polita eta elegantea haizela... Put... Gogoratzen al haiz, herrian behean eman nian egurra. Ba... hago, hago, emango diat beste bat ere, harrapatzen ba haut... Borroka baten itxura guztiak egin zituen: ukabilkadak, ostikoak, bultzadak, iletatik tirakadak, denetik: “Aski al duk “gorringo”? Ba ikas ezak. Bazkalondoan Tomek etxetik ihes egin zuen. Ezin zuen barruko mina eraman. Amy ergelaren poza eta Beckyrengatik sentitzen zuen zelo eztenkada. Hau, berriro Alfredorekin aulkian eseri zen, lan berdinean jarraitzeko. Pasa ziren minutuak, baina Tomen arrastorik ez zen ageri. Beraz ezin sufriarazi. Bere garaipena ilundu zen. Gero triste jarri zitzaigun eta azkenean aspertu ere bai. Hurrena itxura gabe tristetu zen. Pauso hotsa entzuten bazuen, begiratzen zuen. Ez alferrik. Ez zen Tom. Zoritxarrez sentitzen zen. Zergatik jokatu zuen honela? Alfredo ere, ez zen zeharo tontoa eta konturatu zen neska haren burua beste lekutan zegoela, eta zera esaten dio: Begira, Becky, begira, zer irudi polita, begiratu ongi. Baina Beckyk ezin eraman eta esaten dio: —Ez nazazu gehiago izorra... Ze inporta zaizkit neri irudiak, eta zakurraren putza...! Negarrez altxatu eta aldegin zuen. Altxa zen Alfredo ere kontsolatzeko asmotan. Baina berak: —Ezin al nauzu bakarrik utzi ala? Gorrotatzen zaitut! Zer egin zuen ba berak hori gertatzeko? Zer egin zion neskari? Ezer ez! Orduan, zergatik erreakzio arraro hura? Sartu zen eskolara, Alfredo, haserre. Neska hauek ulertuko dituen animarik ez dagoela esanaz. Baina, laster ulertu zuen guztia: “Bera ez zitzaion Beckyri interesatzen. Hari gustatzen zitzaiona Tom zen. Hari sufriarazteko erabili zuen”. Horra egia borobila. Pentsatu behar zuen zerbait mutil hura izorratzeko, baina konpromisotan sartu gabe. Bazekien Tomen berri. Haren irakurgai liburua ireki eta dena tintaz zikindu zuen. Becky leihotik barrura begira zegoen eta ikusi ere bai Alfredoren jokabidea. Handik Tom aurkitzeko asmotan eta Alfredoren jokabidea salatzeko asmotan urrutiratu zen. Baina gero damutu egin zen. Merienda haren ideiarekin guztiak inbitatu zituenean, mespretxu egin zion. Ez zion esango ez, izorra zedila, gorrotoa, bai, gorrotoa, hori merezi zuen. XIX. EZ ZITZAIDAN BURURATU Ailegatu zen etxera gure Tom. Bai triste eta eroria. Izeba ere ez zegoen oso pozik: —Tom, oraingo honetan larrutuko zaitut. —Izeba, zer egin dut nik, bada? —Harper andrearengana zure ametsa kontatzera joan naiz. Azkenean sinistuko zuelako esperantza neraman. Eta hark esan dit guztia. Gau hartan etxera ailegatu zinela isilean eta etxe barruan egon zinela guztia entzuten. Baina, Tom, nola izan zaitezke honelakoa? Ez al zara konturatzen nola bizitan uzten nauzun? Nola zara hain gaiztoa? Tomek burua makurtu zuen. Goizean, bai, biziki txalotu zuen bere irudimena. Baina orain damua sentitzen zuen. Zer esan behar zion izebari? —Izeba, barkatu, nahiago nuke egin ez banu, baina ez zitzaidan bururatu! —Baina, mutil, zuri ez zaizu sekulan ezer ere bururatzen! Zeure buruaz besterik ez duzu pentsatzen. Irlatik hona gure penen gain burla eta iseka egitera etorri zinen. Gero, berriz, amets haren gezur hori botatzen duzu. Baina, zergatik zara horrelakoa? Ez al zara konturatzen era honetan laster lurrazpira bidaliko nauzula? —Izeba, barkatu, baina ez dut intentzio txarrez egin. Benetan, sinistu iezadazu. Ez nintzen zuri burla egitera etorri honantza. —Zertara etorri zinen ba...? —Lasai egoteko esatera, ez geundela itota eta. Bizirik geundela esatera. —Tom, nahiago nuke gezur hori egia balitz! Munduko pertsonarik zoriontsuena izango nintzateke. Zeini eta zuri horrelako burutapen bat! Baina, zuk badakizu berriz ere gezurra esaten duzula... eta nik ere bai. —Ba, ez da gezurra, egia da. Bertan hil nadila gezurra baldin bada. —Bueno, basta, oraindik ere gezurretan zin egiten...! Halakorik! Gauzak okerrago jarriko dituzu. —Ba, ez da gezurra. Nik ez nuen nahi zuk sufritzerik eta horregatik etorri nintzen. Eta nahi ez baduzu, ez sinistu. —Mundua emango nuke hori egia balitz. Ez nuke zure ihesiaren damu eta penarik ere izango. Baina, ez eta ez. Astakeria bat da. Honaino etorri eta, zergatik ez zenidan ezer esan? —Zergatik? Ba, hiletaren berri jakin nuenean, gaiztakeria berri bat egiteko gogoa sortu zitzaidalako. Benetan, pozgarria iruditzen zitzaidan, gu guren hiletara etortzea. Beraz, idatzi nuen enbor azala berriro poltsikora sartu nuen. —Zer enbor azala? —Lehen esan dizut, ba, nola idatzi nuen enbor azalean ondo geundela eta abar...? Ba, hura bera. Nahiago nuke musu eman nizunean esnatu izan bazina. Baina ez zinen esnatu. Hori entzunda, izeba zaharren zimur sakonak arindu eta bigundu ziren, eta begitan poz berri bat sortu zitzaion: —Eta musu eta guzti eman al zenidan? —Bai, izeba, bai. —Ziur al zaude? —Horixe nagoela ziur. Badakit nik ongi zer egin nuen. —Eta zergatik eman zenidan musu? —Maite zaitudalako, eta ez nuelako zuk negar egiterik nahi. Benetan ari ote zen, ba da, mutil hura? Izebaren ahotsa ere dardarizoz bete zen: —Eman iezadazu beste musu bat —esan zion—. Eta zoaz eskolara. Ea azkenean ez didazun hainbeste sufriarazten. Tomek aldegin zuen. Izeba Polly, berriz, armairuraino inguratu zen eta Tom itsaslapur izan zeneko zamarra zaharra atera zuen handik. Eskutan hartu zuen: —Ez, ez, ez naiz ausartzen. Gaixo-gaixoa. Seguru orain ere gezurra esan duela. Baina zer alaitasuna eman didaten honelako gezurrek! Jainkoak barkatuko al dio gezur hori. Dudarik ez dago bere barru onak agindu diola hori esateko. Beste aldetik, ordea, ez nuke gezur hori aurkitu nahi. Ez, ez, ez dut jakin nahi ere. Utzi zuen zamarra alde batera. Luzatu zuen besoa birritan hura hartzeko asmoz. Baina... ezin. Zerbaitek ez zion uzten. Azkenean ordea, animatu zen: “Zer demontre. Gezurra esan badu, ondo. Zer egingo dugu. Intentzio onez esan du behintzat eta”. Aztarrikatu zituen zamarraren poltsikoak. Geroxeago enbor azala malko tartean irakurri ahal izan zuen:—Orain, bai, zein zoriontsu sentitzen naizen. Mila pekatu segidan egin izan balitu ere, guztiak barkatuko nizkioke. XX. TOMEK ORDAINTZEN DU BECKYREN ZIGORRA Izebak eman zion musu urtsu eta gozo hark, Tomen barrua zeharo poztu zuten. Abiatu zitzaigun mutila eskolara, alai. Eta ustekabean Beckyrekin topo egin zuen. Tomek hurbildu eta esan zion: —Becky, badakit gaur zurekin oso gaizki jokatu dudala. Ez dut berriz horrelakorik egingo. Egin ditzagun bakeak; nahi al duzu? Neskatoari, ordea, ez zitzaion barkatzeko unea iritsi oraindik: —Tom, arren eskatzen dizut. Hemendik aurrera zure alkandora barruan kabi zaitez. Ez dizut berriz hitzik zuzenduko. Besterik esan gabe eta pausorik galdu gabe, aurrera segi zuen. Tomek ez zuen asmatu zer esan. Zeharo mutu utzi zuen hain ustekabeko erantzun zakar hark. Gero, ordea, lehenengo sustoa menderatu zuenean, barruko amorrazioak irakin zion odoletan. Ai, mutila balitz, txikitu, xehatu, porrokatuko zuen. Baina neska izaki. Eta neskak, ez dira jo behar... Alu zerria. Bakoitza bere bidetik abiatu zen. Eskola ingurura. Han berriro begiztatu ziren eta Tomek alukeriaren bat bota zion. Baina neska ez zen mingain motz; beste hainbestekoa erantzun zion. Beraz, hausketa osoa zen hura. Becky urduri zegoen. Klasera sartzeko irriki bizian. Bazekien ondo jakin ere, maisuak, liburu zikin hura ikustean, Tomen bizkarra berotuko zuela. Erruduna Alfredo izan arren, ez zuen berak salatuko. Izorra zedila. Baina inor ez dago estropezu batetik libre. Herriko maisuaren izena Dobbins zen. Bere betiko ametsa sendagilea izatea zen. Baina, alferrik, gauza batengatik edo bestearengatik, maisu izaten jarraitu zuen. Bazituen bere urteak eta onenak emanak zituen. Klasean, ordea, egunero-egunero, liburu berezi bat irakurtzen egon ohi zen. Liburu lodi-lodi bat. Han begi belarri. Ikasle guztiak, liburu hura zertaz izan ote zitekeen asma ezinik ibiltzen ziren. Bakoitzak bazuen bere iritzia. Beraz, guztiak liburu hura ikustea desiratzen zuten. Maisuak, ordea, giltzapean gordetzen zuen, inork uki ez zezan. Ez zuen, ustekabean ere giltza hura kajoian uzten. Becky gora behera zebilela, konturatu zen maisuak, ustekabean noski, giltza kajoian utzi zuela. Kasualitatea, baina han zegoen. Nola mendera zezakeen kajoi hura irekitzeko irrika? Ez zuen berriro halako posibilitaterik izango. Begiratu zuen inguruan. Inor ez. Berehala eskutan zeukan liburu famatua. Liburuaren izena: Anatomia. Egilea X, X. Berehala orriak pasa ahala lamina bat topatu zuen. Zenbait gizon eta emakume larru bizitan ikus zitezkeen han. Ate ondoan zegoen. Halako batetan, handik Tom Sawyer pasa zen, eta lamina ikusi ere bai. Beckyk itxi zuen lamina. Baina ustekabean lamina urratu egin zuen ia goitik beheraino. Utzi liburua, giltzatu kajoia eta negarrari ekin zion. —Tom, —esaten dio—, izan daitekeen pertsonarik nazkagarriena zara. Zergatik egon behar duzu besteak zer egiten duten begira? Nazkagarria, gorrotatzen zaitut! —Nik ez dakit nor den nazkagarri: zu ala ni... Baina nik ez nenkien zer ikusten ari zinen. —Badakit salatuko nauzula, badakit bai. Eta zigortuko nautela, maisuak joko nauela. Eta orain arte ez nau sekula ukitu ere. Eta geroxeago: —Alua zara, gorrotagarria zara. Gorrotagarria zara. Eta negar zotinka irten zen handik. Tom, berriz, harrituta. Eta halaxe dio bere golkorako: —Benetan, nik ez ditut neska hauek ulertzen. Beren erreakzioak, negar egin beharrak... Zigortuko dutela. Eta zer? Ni kexatuko banintz. Ia egunero hartzen ditut bizkarrekoak. Baina, bai zera, azala fina baitute, bihotz biguna. Baina nik ez dut salatuko. Beste era batera bengatuko naiz. Baina badakit zer egingo duen maisuak: banan-banan galdetzen hasiko da. Eta neska ergel hauek, disimulatzen ez dakitenez gero, aurpegian ikusiko du nor den errudun. Eta egurtuko du Becky. Eta gero zera esaten du: —Ba, ba, izorra dadila. Berak ere pozik ikusiko ninduke ni zigortuta. Jolasak bukatu eta maisua etorri zenean, klasea hasi zen. Ez zuen ikasteko gogorik. Ez zen kasualitatea. Ez zuen behin ere gogorik izaten. Neska tartera begiratzen bazuen, kezkaz betetzen zen. Barru barruan, ez zuen Becky zigortuta ikusi nahi. Laster aurkitu zuen irakurgai liburua tintaz zikindua irakasleak. Tomen irakurgaia, alegia. Gero zetorren zaparrada. Ikustekoa izaten zen maisuaren jarrera horrelako gauzetan. Becky ere konturatu zen klase guztia bezala. Maisuak, zikinkeria haren berri galdetu zion. Ukatzea, alferrik zen, ordea. Gauza okertu besterik ez baitzuen egiten. Une larriena iritsi zen. Neskak Alfredo, erruduna salatzeko gogoa ere sentitu zuen. Baina, isilik gelditu zen: —Berak ere esango du nirea, ziur dakit, eta ni ez naiz orain bere alde jarriko. Tomek hartu zuen zigorraldia. Ez hainbestekoa. Bere iritzian behintzat. Gogortua zegoen. Gainera, akaso berak bota zuen tinta konturatu gabe. Ba zitekeen. Ukatu, bai, beti ukatzen zuen eta orduan ere bai. Ordubete geroago, irakaslea, buruarekin dunbalaka ari zein, erdi lotan. Ikasleak berriz, erleak bezala, erdi ikasten, erdi berriketan. Hain zuzen, gela beteko zurrumurru aspergarrian. Geroxeago, Dobbins jaunak aharrausika egin eta kajoia ireki zuen. Lehenengo, erdizka, azalez begiztatu zuen liburua. Gero, ordea, behar bezala jarri zen eta taxuz ireki zuen. Tomek Beckyri begiratu zion. Haren egoera izua. Zerbait egin nahi zuen bere alde. Bere alde? Bai ba! Azkar gainera. Ba patean, ikaragarrizko ideia bat eduki zuen. Hauxe: altxatuko zen, joango zen korrika irakaslearengana, hartu kolpean liburua eta kalera irtengo zen korrika... Bai, bada. Baina... berandu. Irakaslea, liburua ireki eta irakurtzen hasia zegoen eta... Berandu. Alferrik. Berandu. Beraz ez zegoen Beckyrentzat salbabiderik. Unetxo bat geroago, irakaslea aurpegiz aurpegi zegoen ikasleekin. Denak jaitsi zituzten bere begiak, beldurrez. Zintzoenak ere beldurtu ziren maisuaren jarrera basati harekin. Isilune luzea, hamar zenbatu arte. Irakaslea gorri-gorri sutan. Eta... —Nork urratu du liburu hau? Aspaldian ez zen egon han halako isiltasunik. Euli baten ibilera ere entzun zitekeen. Eta irakaslea errudun bila. —Benjamin Rogers, zu izan al zara? —Ez jauna. Isilunea. —Jose Harper, zu? —Ez jauna. Beste isilunea. Tomen urduritasuna handitzen zihoan une batetik bestera. Maisuak mutilen ilarara begiratu zuen. Eta gero neskengana: —Gracie Miller? —Ez, jauna. —Susan Harper, zu izan al zara? —Ez. Hurrengo neska Becky zen. Tom dardarez zegoen. —Rebeka Thatcher, zuk urratu al duzu? (Tomek begiratu zion, argizaria baino zuriagoa zegoen). Zu izan al zara? Ideia berri bat bururatu zitzaion Tomi. Altxa eta esaten du: —Ni izan naiz. Guztiak txundituta gelditu ziren. Horrelako aitorpen bat, erokeria izugarria baitzen. Tom berriz, zutik, geldi-geldi. Maisuak aurreratzeko agindu zion. Hartu zuen jipoia ikaragarria izan zen. Oraindik ezagutu ez zen hainbatekoa. Tomek ordea, bazekien Beckyren begiak hari begira zeudela. Mila esker emanaz. Hura aski zuen. Horretaz gainera, ondoko bi orduetan ere eskolan egon beharko zuen, zigortuta. Ez zitzaion gehiegi iruditu. Bazekien bukaeran norbait... norbait zain edukiko zuela. Gau hartan Tomen buruan mendeku bat egosten ari zen. Alfredo Templeren kontra. Beckyk egia esan baitzion. Gero, ordea, poztu ere egin zen. Nola ez poztu Beckyren azken hitz haiekin: —Tom, nola egin duzu horrelakorik niregatik? XXI. HITZ JARIOAK ETA MAISUAREN URREZKO BURU SOILUNEA Oporraldiak aurki ziren. Maisua lotsaren beldur zen, ze esamina egunetan erakusketa bat egiten zuten ikasleek. Ez zuen hanka sartzerik inondik ere nahi. Beraz, bere makila sasoi berriz hornitu zitzaion. Bazuen zer egin esker eskuinean. Hemezortzi hogeiren bat urteko gazteek erraz asko ihes egiten zioten, ez ordea besteek. Gainera, indarrez jotzen zuen. Buru soila izanik peluka potxolo bat zeraman buruan eta urte pila disimulatzen zioten. Indarrak, berriz, oraindik bete betean. Beraz, berak emandako egurrak dardara egiten zuen edonorren larruan. Egun hura inguratzen eta gure maisua berotzen eta gehiago amorratzen. Ezin zen ezer gaizki egin azterketa egunean. Erne! Txiki guztiak ikara batetan pasatzen zituzten egunaren orduak. Baina ez zeuden lotan haien buruak. Eta irakaslea nola izorratu pentsa eta pentsa egoten ziren. Batzuetan egin ere bai. Baina, maisua azeri zaharra zen, eta gerora ematen zuen erantzuna oraindik ere gogorragoa izan ohi zen. Hark beti irabazten zuen. Azkenean, ideia bikain bat izan zuten. Nahita ez, aurrera eraman behar zena. Pintorearen semearekin harremanetan jarri ziren. Eta guztiek batera, zin egin zuten hura lortzeko. Mutil honek maisua bihotz bihotzez gorrotatzen zuen. Gainera maisua aitaren etxean zegoen ostatuz. Gainera, gauzak hobetu egin ziren; maisuaren emaztea ere kanpora joana zen. Beraz aurrera. Maisuarentzat egun haiek bereziak izan ohi ziren. Beraz, antolaketak ere ez ziren nolabaitekoak izaten. Beste gauzen artean mozkorraldi dezente bat ere harrapatzen zuen. Beraz, pintorearen semeak ondo ezagutzen zituen maisuaren gorabeherak, eta oraingoan lotsa bizitan jarriko zuen. Baietz! Eta hara ba, egun hura ere ailegatu zen. Eskola guztiz hornitua ikus zitekeen: Mahaiburua, ezker eskuinetan, hiru aulki ilara. Aurrean, beste sei aulki ilara, guztiak, guraso, herriko agintari eta abarrez beteta. Inguruan, mutilak geldi egon ezinik, neskak guztiz hornituak, bere beso larrutuak bistan zituztela. Apain apainduak, keinu bakoitzean politkeriak egiten, beren amonen-amonen bitxiak zintzilika zituztela. Atzean, eta gela bete arte, beste neska mutilak, azterketan parte hartzen ez zutenak. Beraz, gauza bitxia... Hasi ziren ariketak. Txikito bat zuten presentatzaile. Eta nola gero? Bere keinu guztiak antolatuegiak, naturaltasun guztia kentzen ziotelarik, zera hasi zen: —“Behar bada, ez zenuten pentsatuko ni nire adin gutxirekin, halako lanetan sartzea...”. Eta abar. Hark ere eman zion azkena. Txalo zaparrada batek itxi zuen bere hitzaldia. Haren atzetik neska lotsati bat, honelako poesia errezitatuaz: “Bazuen Mariak arkumetxo bat...”. Bukaeran hark ere txalo beroak. Aurreratu zen bada, Tom Sawyer ere. Ausarki hasi zen: “Eman iezadazue askatasuna edo heriotza”. Baina, besa keinu haundienean zegoenean, dena ahaztu zitzaion, eta ez zuen asmatu aurrera jarraitzen. Larritu zen, hortzetatik hanketaraino. Alferrik. Ikaragarria zen jendearen isiltasuna. Hura bai ikaragarria. Maisuak bekainak zimurtu zituen eta Tomek ikusi ere bai. Alferrik. Lotsa-lotsa bazterrera jo zuen. Norbait hasi ere egin zen txalo egiten, baina ez besterik. Eta abar eta abar azaldu behar haundienean. Haren hurrena ortografiazko ariketak zetozen. Aurrena latinez. Segidan neska besa soilen poesia xarmantak. Bakoitzak bere arinkeriak eginda gero, askatzen zuen orriak zeraman zinta arrosa eta hasten zen. Ondo ahoskatuaz, goitik behetik. Gaiak betikoak ziren. Haien aitonen-aitonen aitonak, eta amonen-amonen amonak erabilitako berberak. Azkenengo mila urtetan aldatu gabe. Zertarako adierazi gai guztiak. Aspertu egingo ginateke. Bazuten guztiek halako berezitasun faltsu bat: malenkoniaz betetako idazkiak zirela. Perpausa eginak, estandarizatuak, baina belarriarentzat atseginak. Esanahia aparte. Eta bukaeretan halakoxe hitz milizkatze hartan, bukaezinezko bokale eta erre luzatu beharrak. Guztia faltsukeria zen, galanta gainera. Baina hala ere bere horretan jarraitzen zuten. Oraindik ere bai. Oraindik ere andereño hauek eta bere antzekoak sermoi luze hauekin jarraitzen dute, eliztar sutsuenak balira bezala. Behar bada, hotzenak, nahiz eta hitz sutsuena erabili. Baina utz dezagun guzti hau. Eta itzul gaitezen harira. Irakurgai bat bota zuten. Jarriko al dut. Zati bat bai, ea irakurlea haserretzen den: “Bizitzaren hari monotono luzean, a ze poza eta alaitasun emozionatuz itxaron duen buru argi eta gazteak festaren hurbiltzea. Irudimen apartsuak, arrosa kolorezko oroipen miresgarriak ekartzen ditu burura. Fantasia ikaragarri horren barruan. Modaren tonu eta irudi guztiak, inguruko begi guztiak haren gain ipintzen direla ikusten du. Bere irudi alai eta arinak ziru zaru dantza arin, dantza arin egiten du gasezko jantzi arinekin batera. Bere begiak guztien artean argienak eta ederrenak; dira, bere hankak guztien artean finenak, borobil duenak eta arinenak.” Eta horrelako matrakaldia. Hizketaldi haren barruan, noiz behinka miragarrizko euli soinu hura entzun zitekeen. Berak zioena munduko gauzarik garrantzitsuena eta originalena balitz bezala: “Hori bai ederra”. “Hori bai egia”. “Munduko hitzik ederrenak, sekulan esan gabeak”. Eta abar. Hura bukatu zenean esku zarta bikainak berriz ere. Txalo jo behintzat. Aristokratikoki, Arraio. Konpostura galdu gabe. Gero neska bat altxa zen, zurbila zurbilen artean, argizarizko aurpegi hildakoarekin. Behar bada pildora eta urdaileko min gehiegizkoak sortua. Eta irakurri zuen zerazko poema. Horra zati bat: “NESKA BATEK ALABAMARI EGITEN DION AGURRA Alabama, Alabama! Herri maitatua! laster utziko zaitut abandonatua! nire gogoaren aurka urrutiratua! Zure oroipenek naukate kiskaldua, bihotz begi malkotan urtua. Zure basoetan sarri dut aztarrikatu, zure lore eta krabelin ederrenak usaindu ibai ertzean zure mezua irakurtzen nintzen saiatu, eta uhin haserretuak zer zioten sumatu. Egunsentiaren izpi gozoak gozatu. Negarrak ez bainau ni lotsatzen, zerak baitira zure magalean itsasoratzen, zu bihotzetik ez zaitut nik lagatzen, pozik nengoke aberri berriak banau onartzen. Zu bakarrik zara nire maite, zuk zure maitasunez nire barrua duzu bete, zuregandik ezin urrutiratu nire tete, nahiz esan beharra izan zuri: Gero arte. Han inork ez zekien zer esan nahi zuen “tete” hitzak. Baina bost axola zion; polita zen belarriarentzat. Nahita ez, hitz inportantea izango zen poema merke guzti hura bezala. Haren atzetik neska beltzaran baten roiloa. Zera irakurri zuen berak ere sinisten ez zuen doinu “garrantzitsuan”: BISIOA Iluna eta ekaiztsua zen gau hura. Zeru goian, enbor ahal guzti dunaren ondoan, izarrek ere ez zuten keinurik egiten. Baina iragan berria zen trumoiak, ba zirudien ikaragarrizko poza sentitzen zuela, atzetik beste pilaka eta pilaka tximista gurutzatu sortuaz. Orgia gaitza. Nork menderatu zeru bizian ari ziren indar eta zarata ikaragarri haiek? Haize guztiak ere han inguratu ziren, burrundara hari oraindik ere basakeria eta ankerkeria gehiago ipintzeko. Neurri guztien gainetik. Une larri hartan, nire animak, kaleko, herriko, gizadiko maitasuna oihukatzen zidan eta... Nere lagunik onena, nire lagunik maiteena, nire gidaria, inguratzen zi- tzaidan niregana. Zeru zoragarri batean bezala mogitzen zen hura, alderik alde, guztien erregina bezala, guztien edertasunaz jantziko balitz bezala. Hain arina zen bere pausoa, ze ez zuen lurra ukitzen zuenik ere ematen. Bere ukitze gogoa, hain gozoa zen, ze inor ez zen beharbada konturatzen zegoenik. Eta hain ederra. Hainbat eta hainbat edertasun, ulertzen eta ikusten ez diren edertasun horiek bezalakoa..." Matrakaldi hark hamar orrialde zituen luzeran. Hainbesteko hitz jario, alferrikako horni garri eta abar... hari eman zioten lehenengo saria. Herriko alkateak neskari oparia eskaintzean, honela esan zuen: “Ez omen zuen behin ere halako hitz eder eta esanguratsurik entzun. Idazle, poeta famatuen neurrikoak zirela”. Egun hartan gehien erabili ziren hitzak zerak ziren: ederrena, onena, haundiena, politena, ikaragarria, neurrik gabekoa... Gehiegi erabili ziren inork hitz haietan sinisteko. Maisua pozik zegoen. Aspaldiko irribarrik arinena eta politena zabaldu zuen alderik alde. Gero Geografiako azterketak zeuden. Eta haiek ondo egiteko, maisuak jendeari bizkarra eman zion. Ameriketako mapa marraztera zihoan arbelean. Baina ez zuen oso egokia egitea lortu. Irribarre etenak entzun zituen behean. Marrazkiarengatik zela pentsatu zuen berak. Urratu eta berriro hasi zen. Baina hura ere ez zitzaion hain ongi atera. Algara gehiago oraindik ere. Zer arranopola! Urratu berriro eta egin berriz. Bazekien guztiak hari begira zeudela. Ziur. Algarak ordea, ez ziren isiltzen Ugaritu baizik. Han gainean ganbara bat zegoen, ate bat zuelarik. Handik behera katu bat zetorren soka batetik zintzilika. Muturra ere lotua zeraman, miauka hasi ez zedin. Goitik behera makur-makur eginda zetorren pilota bat bezala, eskuin ezkerrera harramazkadak jaurtiaz. Algarak ugaritu ziren. Katua maisuaren buru gainean zegoen, metro erdira. Jaitsi zuten piska bat gehiago, heldu zion katuak maisuaren pelukari eta ekin zioten gora. Han sortu zen farre algara, lehertzeraino. Maisuaren buru borobila tapakirik gabe gelditu zen. Huraxe burusoil ederra. Eta zer errainu bizia jaurtitzen zuen. Urrezko errainua. Pintorearen semeak aurretik, dena urrez margotu baitzuen barrutik. Jaialdia han bukatu zen. Ez zegoen jarraitzerik. Baina mendeku bikaina izan zen. Izorra hadi maisu. Eta oporrak hasi ziren. XXII. HUCK FINN IDAZTI SAINDUEN ZITATZAILE Inguru hartan bazen Anaidi berezi bat. Zera zen: “Zuhurtasunaren Zaldunak”. Jantzi bereziak zituzten eta medaila ugari eta liluragarriak. Tomek bi aldiz pentsatu gabe, bertan sarrera eskatu zuen. Baina, bai laster. Ze Anaidi hark gauza asko eskatzen baitzituen: ez edatea, juramenturik ez egitea. Beraz, handik aurrera jantzi eta medaila haiek ez ziren beretzat. Are eta gutxiago gerrian jarri ohi zuten faja gorria. Aurretik, ordea, zain eta zain egon zen. Jantzi haiek ez baitzituen sekulan kalean erabili. Okasio berezietan bakarrik erabiltzen ziren. Hain zuzen, Frazer Juez jauna hil zorian zegoen. Hura hiltzen bazen, orduan erabiliko zituen. Baina, bestela ez. Eta juez jauna ez zen hil. Sendatu egin zen denek gutxien uste zutenean. Orduan bai, Tomek, pikotara bota zituen Anaidiaren jantzi eta legeak. Hantxe bukatu ziren. Baina, gerora, Juez jauna berriro gaixotu zen, eta hil egin zen. Zer esanik ez, nolako hiletak egin zizkioten. Haren lagun izandakoek, izugarrizko desfile bikaina egin zuten. Tomen enbidiak! Baina libre sentitzen zen orain, eta pozik. Orain edan zezakeen, juramentuak bota ere bai. Lehen debekatzen zitzaizkion gauza guzti hauek egiteko libre zen. Baina, orduan ikusi zuen libertate honek, gauzak egiteko gogoa kentzen ziola. Zerbait egin nahi denean, gauza hori debekatua egotea bezalakorik ez baitago. Oporrak ziren, baina Tomentzat aspergarriak. Eguneroko bat egiten hasi zen. Baina, zer jarri? Ez zitzaion ezer bururatzen. Beraz, orri tintatuak zakarretara bota zituen. Halako batean, herri hartara zirko ibiltari horietako bat iritsi zen. Hark hautsi zuen zerbait bizimoduaren monotonia. Lagunak, noizbehinka eskurtsio bat egingo zuten. Baina hain gutxi, egin ere. Benetan bizimodu aspergarria. Becky Thatcher bere neska Konstantinoplara joana zen gurasoekin batera. Egunero, sekretu hura gorde beharrak, gero eta kontzientzia min gehiago ematen zion. Gero txarranpina ere harrapatu zuen. Beraz, bapo mutila! Hamabost egun luze pasa zituen ohe zorroan sartuta. Nolabait sendatu eta kaleratu zen. Baina, gauza harrigarria gertatu zen herri hartan. Herri guztia, halako erlijio min batean sartua zegoen. Guztiak sentitzen zuten gogorki Jaungoikoaren deia. Mistika bide batean zebiltzan. Bolada izango zen, nahi duguna. Baina guztia era hartan zegoen. Tom ez beste guztiak. Herrira jaitsi zenean, ikusi zituen neska mutilak. Ordu libretan, denak edo errezatzen, edo Biblia irakurtzen egon ohi ziren. Gauza bitxia benetan. Batetik bestera ibili zen Tom, bere antzeko norbaiten bila. Eta Joe Harperrengana jo zuen. Baina, tok gizona, hura ere Biblia ikasten ari zen. Huraxe ikuskizun miragarria. Gero Ben Rogersengana jo zuen. Hau berriz, behartsuak bisitatzera joana zen otartxo bat zintzilika zuela. Gero Jim Hollis. Honek, pasa berria zuen txarranpina Jaungoikoaren dei berezia zela adierazi zion. Eta azkenik Huckleberri Finn. Hura behintzat ez zen gauza arraro haietan sartuta egongo. Baina, bai zera. Harengana joan zenean, Bibliako parrafada latz bat bota zion aurpegira. Bihotza urratuta, gaixorik sentitu zen eta ohera sartu zen berriro. Beraz, herri hartan bera izango zen infernuan kondenatua zegoen bakarra. Gau hartan benetako ekaitz bat sortu zen herrian. Tximista eta trumoiak, berebizikoak. Tom ohean biribildurik. Dar-dar batean zegoen. Haren barru mina. Bai, bai bazekien zergatik sortu zuen zeruak halako ekaitza. Dudarik ez. Herri hartako bekatari haundiena bera zen, oraindik ere Jaungoikoaren bidetara itzuli gabea. Eta zeruak bengantza eskatzen zuen; bere bizia kolpetik moztu nahi zuen. Ekaitz haren eginkizun nagusia bera ezabatzea eta hauts bihurtzea zen. Nola ez, nork egingo zuen duda? Jarri zen, bada, ohean heriotzaren zai. Halako batetan, inguratzen ari ziren tximista haietako bat ohera eroriko zen eta bera han geldituko zen gorputz. Hilda. Gero infernura. Damu zituen pekatuak. Damu, baina alferrik. Berandu. Zeruak kontatuak zituen bere azken orduak. Baina ekaitza lasaitu zen. Eta Tom oraindik ere bizirik. Zer gauza harrigarria. Ez ote zuten bada tximistek bera aurkitu? Hark sentitzen zuen poza! “Oraindik bizi naiz: Biba!” Badaezpada ere, geldirik egon zen puska batean, ze tximistak berriro itzul zitezkeen, helburua konplitu ez zutelako. Baina ez zen halakorik gertatu. Hurrengo egunean sendagileak Tomengana joan ziren berriro. Dudarik ez zegoen, berriro ere txarranpina indartu zitzaion. Beraz, berriro ere ohean egon behar. Hiru aste pasa zituen ohean. Azkenean jaiki ahal izan zuen. Eta kalera joan ere bai. Baina ilusiorik gabe, ze lagun guztiak mistika bide haietan galduak baitzituen. Bakarrik sentitzen zen. Jim Hollis topatu zuen, juez lanak egiten. Katu bat juzkatzen ari zen, txori bat hil zuelako. Gero Joe Harper eta Huck Finn, meloi bat eskutan zutela, hura jaten. Baina, guztiek ahaztuak zituzten berriro ere Bibliak. Lehengo bidera itzuli, itxuraz. XXIII. MUFF POTTER SALBATU NAHI Egunak pasa eta egunak etorri egun monotono haiek, berri erne garri batek hautsi zituen. Hain zuzen, kanposantuko hilketaren epaia laster egingo zen. Tomen barruko arra! Lasai egon nahi eta ezin. Jendeak murmurio asko zerabilen mingain tartean. Tomek bere kontra ari zirela eta, uste izaten zuen. Ezin lasai egon. Nork jakin zezakeen berak hartaz zerbait bazekiela? Inork ez, baina... denak bere kontra ari zirela iruditzen berari. Ikara izoztuak jotzen zuten azpitik gora. Lasaitu nahi eta Huck lagunarengana jo zuen. Harekin hizketan ari zela, beharbada lasaitu zuen barrua. Beste aldetik, Huckek gorde ote zuen behar bezala sekretu hura? Badaezpada ere, jakin nahi zuen. Eta... —Huck, beste hura... esan al diozu inori? —Zer beste hura? —Badakizu, kanposantuko... —Aaa! Nola ba? Ezta hitz erdirik ere. —Hitz erdirik ere ez? —Noski ezetz. Zergatik galdetzen didazu ba...? —Ez dakit ba... beldurra nuen eta... —Begira Tom, hori norbaitek baleki, ez ginateke bi egunetan ere biziko. Ondo dakizu zuk hori. Lasaitu zen Tom. —Huck, orain arte esan ez baduzu, aurrerantzean gauza al zara sekretu hori behar bezala mantentzeko? —Horixe dakidala. Zer nahi duzu, erdi beltz horren hatzaparretan deseginda hiltzea, ala zer? Gainera ez dago beste erremediorik. —Ongi dago. Ez dut uste ezer gertatuko zaigunik, hitzik esaten ez badugu behintzat. Baina berriro ere zin egin dezagun. Horrela hobea da. —Bale, egina dago. Berriro ere zin egin zuten biek serio-serio jarrita. —Zer dio jendeak, Huck? Nik mila gauza entzun ditut. —Zer esango du ba jendeak. Hiltzailea Muff Potter dela, zer esatea nahi duzu? Hori bai dela gezurra, ez zait barrua lasaitzen. —Ezta neri ere. Neri ikaragarriko pena ematen dit. Nahiago lurrazpian ezkutatuta banengo. —Hori bai gizagajoa. Sekula inori gaitzik egin gabekoa! Zer egiten zuen, bada, berak. Arrantza piska bat egin, txanpon batzuk irabazteko. Gero txanponak ardotan gastatu. Hori zuen bere pekatua. Alferrarena egin, baina besteok ere hori berbera egiten baitugu. Baita apaizek ere. Eta zer barru ona zuen. Behin arrain bat erregalatu zidan eta ez zeukan beretzako haina ere. Eta askotan egon zait ondoan kontsolatzen. Jatorra benetan. —Eta neri, Huck, zenbat aldiz ez ote zizkidan kometak konpondu, hariak korapilatuz. Eta garrangak txukundu arrantzarako. Hauxe pena. Nahiago nuke libratuko bagenu... —Nola ordea? Ezin dezakegu. Eta gainera zertarako. Berriro harrapatuko luteke. Eta orduan okerrago. —Neri ere ideia berdinak bururatzen zaizkit. Asko gaizki esaka ari dira orain bere kontra. Gaiztoa dela eta abar. Baina hori ez da egia. —Bai, mari-zintzarri asko dago gure herrian. Entzun ere egin dut, libratuko balute, jendeak xehatuko lukeela. Ez nik behintzat. —Horixe egingo luketela. Horrelakoa da gure herriko jende tunantea. Asko hitz egin zuten. Baina, triste. Gau aldean, han zeuden biak espetxe inguruan, atzera eta aurrera, zerbaite esperantzan edo... Baina, han ez zen aingeru guardakorik ageri. Biek, sarritan egin zuten gauza berbera egin zuten: espetxe burdinetara, inguratu ziren, eta tabakoa eta sua eman zioten. Beheko gela batean zegoen Muff, zaintzailerik gabe. Muffek bihotzez estimatzen zizkien horrelako opariak. Egun hartan, mutilek, oraindik ere barru min gehiago sentitzen zuten. Oilo koldar batzuk besterik ez ziren... —Oso ongi portatu zarete nerekin, mutilak. Ez uste gero ahaztuko nai- zenik. Askotan gogoratzen naiz, bai: Diantre, nik konpontzen nituen eta, mutil hauen kometak. Eta abar... Baina orain zuek ez beste guztiek ahaztu eta baztertu naute. Zuek ez, a zer poza!. Bai mutilak, ikaragarria egin nuen. Mozkorra nengoen hori da nire aitzakia bakarra. Baina egin nuenak, zigorra merezi du, ez dago dudarik. Bueno... barkatu, ez nuke zuek goibeltzerik nahi. Nire lagunik onenak zarete. Baina, arren, ez zaitezte behin ere mozkortu, neri bezala gerta ez dakizuen. Jar zaitezte alde batera. Horrela, horrela. Gauza ederra da, bat larri dagoenean lagunen aurpegiak ikustea. Eta hemen zuenak beste ez ditut ikusten. Igo zaitezte orain bata bestearen gainera. Hori da. Utz iezadazue bostekoa luzatzen. Zuen besoak burdin tartetik pasatzen dira. Ez nireak. Zuek besoak oraindik gazteak dira, baina asko lagundu diete Muffen beso zaharrei. Tom desesperatuta itzuli zen etxera. Gau guztian buruko min latzak izan zituen. Ez zegoen eskubiderik. Hurrengo egun guztietan, Hauzitegi inguruan ibili zen. Sartu... ez sartu. Huck ere berdin. Nahita saiatzen ziren elkar ez ikusten. Baina, gero, zergatik jakin gabe, atzera itzultzen ziren. Handik irteten ziren guztiek, berri txarrak haizeratzen zituzten. Potterrek ez zuen salbabiderik. Joek, deklarazioak eginak zituen berriro. Lehen bezalakoak .Beraz, gauzak gero eta okerrago jarri ziren. Tom berandu itzuli zen etxera. Ateak itxita zeudenez, leihotik sartu zen. Baina amorru bizian. Gero berriz, ezin lokartu. Egun betea izaki hura. Hurrengo goizean mundu guztia hauzitegira joan zen, ze hura baitzen juizio eguna. Neska mutil, andre, gizon, guztiak... Epaimahaikoak ere azaldu ziren, eta bere aulkietan eseri. Geroxeago, han azaldu zen Potter, zurbila, desesperatua, triste, eta guztiek ikus zezaketen leku batean ipini zuten. Inguruan, Joe zegoen, bestea bezain bistan jarrita. Isilune baten ondoren, Juez jauna eta herriko Sheriff ospetsuak, juizioari hasiera emateko agindu zuten. Marmarra inguruan eta Legegizonek paper trukatze eta abar, zaratatxoa sortu zen. Baina barruko giroak ikaragarria eta beldurgarria zirudien. Lehenengo testiguak hitz egin zuen. Nola goiz goizez ikusi zuen Potter errekan garbitzen. Hura nabaritzean ihesari eman zitzaiola eta abar... Galdera bat edo besteren atzetik, Juezak zera esan zuen: —Defendatzaileak zerbait galdetu nahi balu, orain du garaia. —Ez dut ezer galdetzeko. Hurrengo testiguak, labana nola aurkitu zuten eta abar adierazi zuen. Hildakoaren ondoan, alegia. Eta Juezak: —Defendatzaileak galde beza, nahi badu. —Eskerrik asko, ez dut zer galdeturik. Eta azaldu zen hirugarren testigua. Laban hura Potterrena zela, alegia, dudarik gabe, ze askotan ikusi ziola eta. —Defendatzaileak galde dezake. Eta berriro ere defendatzaileak, ezetz. Baina zer zen hura. Zertarako zegoen, bada, han legegizon hura. Ez al zuen defendatuaren alde ezer egin behar ala? Beste lekuko batzuk ere igo ziren hara hitz egitera. Guzti haiek ziotena zera zen: Potter hilerrira joan zenean, hark ez zuela bere burua zuritu. Jaitsi ziren eta haientzat ere ez zen galderarik egon. Eta guztia esatea luze litzatekelako uzten dugu. Baina beste batzuk ere igo ziren eta hilerrian hildakoa lurrean zegoela gertatu ziren gorabehera guztiak aipatu zituzten. Jendea ez zegoen batere pozik. Zertarako hautatu zuten bada defendatzaile hura. Alua. Alfer lana berea. Murmurio dezentea zabaldu zen bazterretan. Mahaiburuak isiltzeko agindu ere bai. Ze demontre gero. Bazter haiek isilik egoteko lekuak ziren. Fiskalak berriro: —Defendatzaileak galde dezake. —Bai, jauna, mila esker, ez dut zer galdeturik. Eta fiskalak: —Herritar zintzo batzuen testigutza entzun dugu. Guztiok dakigu hemen etorri direnak, guztiak konfiantzazkoak direla. Guztiok dakigu egia esan dutela. Guk hala nahi ez izan arren, ez dugu beste biderik aurkitzen. Hemen errudun aulkian dagoen hau dela argi eta garbi gelditzen da oraingoz behintzat. Beraz, galdeketa guztiak bukatutzat ematen ditugu. Potterrek ez zuen fitsik esan. Altxa bezala jaitsi zituen bere bi begi tristeak. Zer egin behar zuen gizagajoak? Sala barruko emakumeak triste zeuden, begiak malkoz josita. Gizagajo hura gauza izan ote zen bada. Ondo pentsatuta, ez baitzen gaiztoa. Baina testiguak testigu. Orduan altxa zen legegizona eta mintzatzen hasi zen: —Jauna: egia esan juizio hau hasi denean, ni neu oso goibel etorri naiz honantz; esperantza gutxi nuen. Guztiok, eta nik ere bai, uste genuen Potter gizagajoak egin zuela hilketa ikaragarri hura. Eta dudarik gabe, alkoholak eraginda. Une honetan ordea, nire iritzia zeharo aldatzen hasia da. Eta orduan jendeari aurpegia emanda agintzen du: —Pasa dadila, arren Tom Sawyer! Aurpegi guztiak harritu ziren, sala hartan zerbait arraroa gertatu izan balitz bezala. Begi guztiak harengana zuzendu ziren harrituta. Hau trinko altxa zen eta testiguak egoten diren aulkian eseri zen. Larri zegoen, itxuraz. Noski, beldurra zuen. Eta protokoloak agintzen duen eran, “zin” egin zuen. —Tom Sawyer, arren, non zeunden zu ekainaren hamazazpiko gauerdian? Tomek, nahi gabe ere Joeri begiratu zion. Bere aurpegia zurbil eta kopeta izerditan. Inguruko jendeak bere arnas hotsa ere entzun zezakeen. Gero, ordea, lasaitu zen eta zera bota zuen: —Kanposantuan. Baina ez baitzuen jendeak entzun: —Ia, mesedez, altuago, mesedez. Non zeundela esan duzu? —Kanposantuan. Jendearen harridura! Eta Joeren irribarre maltzurra. —Eta zein tokitan zeunden. Beharbada Horse Williams jaunaren hilobi ondoan, ala? —Bai, jauna. —Arren, hitz egin ezazu sendoago. Altuago. Zenbat metrotara gutxi gora behera? —Hemen zu eta ni gauden tartera. —Eta izkutatua al zeunden? —Bai, jauna. —Non? —Zumarren atzean. Hilobiaren bukaeran daude. Joe indiarra urduri mugitu zen. Bakarrik al zeunden ala beste norbaitekin? —Beste batekin, zerarekin... —Arren, itxaron pixka bat. Une bat. Ez esan oraindik zure lagun horren izena. Geroago ere izango dugu astia. Zer zeneraman zurekin? Erantzun mesedez. Tom zalantzan jarri zen. —Ale, Tom, arren erantzun, ez izan beldurrik. Egia esaten baduzu ez duzu inoren beldurrik izan behar. Zer zeneraman zurekin? —Hutsa, zera... hildako katu bat... Jendea alaitu edo... egin zen salan. Baina epai mahaikoak isiltzeko... —Gero jaunak, katu horren hezurrak azalduko ditugu. Orain, seme, ez beldurrik izan eta esan guztia. Zure modura baina ezertxo ere ahaztu gabe. Tom beldurrez akabatzen. Hasieran ez zituen bi hitz bata bestearen atzetik bota. Gero ordea, lasaitu zen. Eta arian-arian, hitzak gero eta errazago irteten zitzaizkion. Jendeak ez zuen arnasarik ere hartzen. Guztiak hark zer esango arretaz entzuten. Ez zitzaion axola zenbat denbora pasa zen. Gela barruko tentsioa gero eta gogorragoa zen. Eta azkenean ba zirudien guztiak lehertuko zirela. Hauxe esan baitzuen Tomek: —Mediku jaunak haga eskutan dantzatzen zuen unean eta Muff Potter lurrera erortzen zen unean, Joe indiarrak hartu zuen bere eskutan labana eta... Une honetan Joe indiarrak, entzuna entzundakoan, atzera pauso batzuk egin eta tximista baino azkarrago, leihotik kanpora salto egin eta ihes egin zuen. XXIV. EGUNAK ALAI, GAUAK TRISTE Berriro ere Tom izan zen herriko eroi bakarra. Guztiek goraipatzen zuten ekintza. Guztiek esaten zuten mutil hura ez zela gero ere edonor izango. Beharbada Lehendakari edo horrelako zerbait. Jendeak maxiaketa besterik ez zion Potterri egiten. Lehen askotan esan zuten eraile zela eta abar, baina orain, une batetik bestera zeharo aldatu ziren. Jendearen aldakortasuna ez baita nola nahikoa izaten. Tom, egunez jauntxo bezala ibiltzen zen. Baina gauez ezin barrua lasaitu. Laster azalduko zen Joe indiarra eta bere hatzaparretan triskatuko zuen. Hucki ere gauza berbera pasatzen zitzaion. Joek aldegin zuenez gero, bere testigutza beharrik ez zen izan. Beraz, jendeak ez zuen jakin nor zen Tomen laguntzailea. Bai ordea legegizonak. Ze juizio bezperan, Tomek ezin izan zuen jasan eta guztia esan zion Legegizonari. Huckek ez zuen espero Tomek esango zuenik. Zertarako izan ziren, bada, juramentu guzti haiek? Gero hitz egiteko, ala? Muff Potter ere pozik zegoen, nola ez. Mila aldiz inguratzen zitzaion Tomi eskerrak ematera. Eta Tom pozten zen, baina gauez beldurrak erasotzen zuen eta ezin lo egin. Ez ote zuten, bada, indiar madarikatu hura harrapatu eta lotuko? Harrapatzen ez bazuten, beregana etorriko zen eta desegingo zuen. Sariak ere eskaini zituzten Joe gaizkilea harrapatzen zuenarentzat. Erresuma hura alderik alde begiratu zuen hamaika jendek. Alferrik ordea. Detektibeak ere ibili ziren, bere begiak luzatuaz, alde batetik bestera. Horiek normalki lortzen dute bere helburua. Baina oraingoan ez. Batek aurkitu omen zuen “pista bat”. Baina besterik ez. “Pista” bat ezin baita juzkatu. Beraz, alfer lan asko egin zen bazter haietan Joeren atzetik. XXV. LURPEKO ALTXOR BILA Mutil guztiek izaten omen dute bizitzan lurrazpiko altxorrak aurkitzeko desira haundia. Tomi ere gogo hau sortu zitzaion. Kolpean gainera. Beraz, Joe Harperrengana joan zen bere gogoa azaltzera. Alferrik. Ez zuen nahi. Hurrena Ben Rogersengana. Baina hau arrantzara joana zen. Azkenik Huck Finnengana, Besagorriarengana. Bere gogo gordea azaldu zion. Huck ados zegoen. Beti egoten zen ados; berari ez zitzaion axola lan bat edo beste. Berdin-berdin. Berak edozer gauzatarako zuen denbora. Dirurik ez baina... —Ederki eta non barrendu behar dugu? —Non? Leku askotan. —Leku guztietan al dago bada altxorra izkutatua? —Leku guztietan nola egongo da, bada? Leku berezietan bakarrik, Huck. Batzuetan isla abandonatuetan. Bestetan kutxa erdi usteletan zuhaitz zahar baten azpian. Baina gehienetan, duendeak bizi diren etxapetan egoten dira. —Eta nork izkutatzen ditu altxorrak? —Lapurrek, nork bada bestela? Ez da altxorrak ezkutatzera etorriko igandeko dotrina ematen duen apaiza. —Ez dakit. Nik altxor bat banu ez nuke lurrazpian gordeko. Nik guztia gastatu egingo nuke eta bitartean ondo pasa. —Baita nik ere. Baina lapurrek ez dute horrela jokatzen. Izkutatu eta han uzten dute. —Eta zergatik ez dira gero bila etortzen? —Bueno, asmoak bai, izaten dituzte, baina gero ahaztu egiten zaie edo ezin dute eta azkenik hil egiten dira. Dena dela han gelditzen dira altxorrak pipiak jotzen. Gero, norbaitek pergamino zaharren bat aurkitzen du altxorra bilatzeko oharrekin. Normalki pergamino hauek zer dioten asmatzea ez da egun bateko lana izaten. Guztia mapa, ikur eta hieroglifikoz betea egoten da eta. —Hiero... zer esan duzu? —Hieroglifikoak. Irudiak eta sinboloak, mutil. Azaletik badirudi ez duela ezer esan nahi, baina han egoten da altxorraren sekretua. —Eta zuk ba al duzu horrelako pergaminorik? —Nik? Ez. —Orduan zer ari zara proposatzen? Nola jakin zenezake lekua? —Nik ez dut horren beharrik. Duendeak bizi diren etxapetan lurperatzen dituzte. Edo bestela adar luze eta eze bat duten enbor ustelen azpian. Lehen ere itsaslapur izan ginenean frogatu genuen. Zergatik berriro ez saiatu? Badakizu Sittl-House errekastoa igaro ondoren duendeak bizi diren etxe zahar bat dagoela. Bada han adar luze eta eze bat duten zuhaitz ustel asko dago. —Eta zuhaitz guztien azpian al daude altxorrak? —Zer txorakeria esaten dituzun? Nola egongo da, bada, zuhaitz guztien azpian. —Eta zuk nola jakingo duzu altxorra duen zuhaitza zein den? —Guztiak aztarrikatuko ditugu. —Baina Tom, uda guztiko lana izan daiteke hori? —Eta zer? Jarri ezazu kardenilloz betetako ehun dolare aurkitzen ditula. E... zer? Zer iruditzen zaizu? Bazirudien Huck animatzen zela. —Ikaragarria izango litzateke. Aski nuke horrekin. Ehun dolarekin aski nuke. Eta diamanteak eta harri bitxiak zuretzat. —Ondo, ados ni ere. Nik behintzat diamanteak ez ditut bazterrean utziko. Zenbaitzuk hogei dolare ere balio dute eta... Gutxiena balio duenak ere ia dolare bat balio du... —Benetan?—Noski baietz. Bestela galde ezazu. Ez al duzu horrelako harririk sekula ikusi ala? —Nik dakidala ez behintzat. —Erregek zakuka omen dauzkate. —Nik, ordea, ez dut Erregerik ezagutzen eta... —Ezta nik ere. Baina Europara joango bazina, hango Erregek pilaka omen dauzkate. Haien gainean saltoka beharbada... —Saltoka... —Arraio... Huck, saltoka ez dira noski ibiliko. Baina beharbada, esan nahi nukeena da, alde guztietatik ikusiko zenituzkeela. —Bueno, Tom, ederki. Ikusten dut diamanteen kontu asko dakizula. Baina ea non hasten garen lanean. Non hasten gara hondoratzen? —Oraindik ez dakit. Hasiko al gara aldapan dagoen zuhaitz usteletik. Errekastoa pasata segituan dago... —Bueno, ederki. Goazen harantz. Hartu zituzten pikatxoi zahar eta pala zaharrago bat. Eta han abiatu ziren. Hiru kilometro ziren gutxienez haraino. Izerditan ailegatu ziren. Eta zumar baten pean etzan ziren zigarro bat erretzen. —Hau bai atsegina, —dio Tomek—. —Hala da bai. -Aizu Huck, altxorren bat aurkituko bagenu hemen, zer egingo zenuke zuk zure partearekin? —Nik, bada, egunero pastel bat eta gaseosa botila bat erosiko nituzke. Eta herrira etortzen diren zirko guztietara joango nintzateke. Ondo pasako dut bai, altxorren bat aurkitzen dugunean. —Eta ez al duzu ezer ere aurreratuko? —Aurreratu? Zertarako? —Gero ere nolabait bizitzeko. —Alferrik izango litzateke. Nere aitak jakingo luke eta guztia kenduko lidake. Onena segituan gastatzea izango litzateke niretzat. Eta zuk, Tom? Zer? —Ba... nik danbor berri bat erosiko nuke, eta ezpata bat ere bai. Gero txakur bat, eta ezkonduko egingo nintzateke. —Ezkondu? —Bai, ezkondu! —Tom... zu ez zaude ondo kaskotik...! —Ikusiko duzu... —Bada, astakeria haundi bat egingo zenuke nire iritzian. Ikusi bestela nire aita eta ama. Beti borrokan dabiltza, beti haserre, tximetatik tiraka. —Ez zaio axola. Ni ezkonduko naizen neska ez da nerekin borrokan ibiliko. —Bai ote...? Ba, nik esango nuke guztiak berdinak direla. Gizonen bizimodua izorratzea nahi izaten dute denek eta. Bueno, ederki, eta nola du, ba, izena zure “kakakume” horrek? —Ez da kaka kumea, Huck. Neskato bat da. —Bueno, uste dut antzeko gauzak direla. Batzuek kaka kume esaten dute, besteek neskatoa, besteek... Berdin da. Bueno, nola du izena, esan ezazu. —Esango dizut beste egun batean. Orain ez.—Nahi duzun bezala. Hori bai, ezkontzen bazara, ni sekula baino bakarrago sentituko naiz. —Egon lasai, Huck. Zu gurekin bizitzera etorriko zara. Bueno, utz dezagun hizketaldi hau alde batera eta hasi gaitezen lanean. Ordu erdi bat ari izan ziren. Alferrik. Beste ordu erdi bat. Ezer ez. Eta Huckek dio: —Hain behean lurperatzen dituzte beti, ala? —Batzuetan bai, baina beti ez. Baina lekuz hutsegin dugula uste dut. Beste leku bat aukeratu zuten. Makal samar baina, beti aurrera. Isil isilik. Azkenik Huckek besa muturrarekin izerdia lehortuaz, zera dio: —Non hondoratuko dugu gero, hau uztean? —Mendiska horren atzean badago beste zuhaitz bat ere. Alargunaren etxe atzean. —Beharbada, ez da leku txarra izango. Baina ez al digu alargunak altxorra kenduko? Lurra berea baita. —Baita zera ere. Hobe luke... Lur azpiko altxorrak direnean, aurkitzen dituenarentzat izaten dira. Lurraren jabea zein den begiratu gabe. Lanean jarraitu zuten. Eta geroxeago Huckek: —Madarikatu alaena. Berriro ere hutsegin dugu! Ez al zaizu hala iruditzen ? —Gauza harrigarria da, Huck. Batzuetan nik ez dut ezer ulertzen. Badirudi sorginen indarrak eragiten dutela. —Zaude isilik, sorginen indarrak egunez ez dute balio eta. —Aiba... egia da, ez naiz konturatu. Ai... badakit. Zein tontoak garen! Lehenengo ikusi behar duguna zera da: aztertu ongi nora iristen den gauerdian zuhaitzaren adar itzala. Eta gero han aitzurtu. —Arraioa! Beraz, orain arte egin dugun guztia alfer alferrik izan da. Eta ostera gauez itzuli beharko gara. Bidea luzea da gero... Aterako al zara zu? —Uste dut baietz. Gainera gau honetan egin behar dugu. Ze, bihar norbaitek zulo hauek ikusten baditu, jakingo du zertan gabiltzan eta bera ere lan berdinean has daiteke. —Gauez etorriko naiz eta... “miau” egingo dizut. —Ederki. Orain, gorde ditzagun gure tresna hauek sasi tartean. Gauean, esan bezala, han zeuden bi mutilak. Eseri ziren itzalpean zain. Bakardade osoan aurkitzen ziren. Une horretan hasten dira aspaldiko kontu zaharrak indar hartzen. Ba zirudien inguruak bereziak zirela fantasmak gordetzeko. Urrutitik zakur baten ulu galdua iritsi zen. Ontza batek erantzun zion. Mutilak kezkati zeuden, ia hitzik ere esan gabe. Gero, hamabiak zirela kalkulatu zuten gutxi gora behera. Seinalatu zuten itzalaren muturra eta hasi ziren aitzurtzen. Berriro ere itxaropentsu. Gero eta gogotsuago. Noizbehinka pikatxoiak zerbait gogorra jo eta... begiratzen zuten. Baina beti harri bat besterik ez zen. Edo zainen bat. —Alferrik da, Huck, berriro ere nahastu egin gara —dio Tomek—. —Baina nola? Nahastu berriro ere? Itzalaren muturrean seinalea ondo egin dugu eta... —Bada, seguru asko, ez dugula ordua ondo kalkulatu. Itzala markatu dugunean, edota gauerdi aurrea edota gauerdia pasata izango zen. Hucki hatzaparretatik pala erori zitzaion. —Arranopola! Hori izango da. Goazen hemendik. Horrela ezin dugu jarraitu. Ez daukagu erlojurik, eta gainera hemengo itzal guztiak sorginak direla iruditzen zait. Une batetik bestera fantasmaren bat bizkarreratzen zaidala iruditzen zait. Itzultzea ere ez ona baina... ze beste asko etorriko dira altxor bila. Eta haiek aurkitzen badute... —Neri ere gauza berbera gertatzen zait. Altxor bat lurperatzen dutenean, normalki gizon hil bat ere lurperatzen dute, zain dezan. —Arraioa, hori ez nekien! —Hala irakurri dut behintzat. —Tom, hildakoak dauden inguruan ibiltzea ez zait batere atsegin. Azkenean, alde batetik edo bestetik, saltsatan sartzen zaituzte. —Neri ere ez zait gustatzen. Hildakoak bakean utzi behar dira. Hemen lurperatuta dagoenak kaska hezurra aterako balu... zer? —Zaude isilik, Tom, ikaragarria izango litzateke. —Noski baietz, Huck. Ni ere ez nago batere lasai. —Tom, goazen hemendik, eta frogatu dezagun beste edozein lekutan. —Hobe izango dugu, noski. —Non iruditzen zaizu? Tom laster: —Duendeen etxean, nahi al duzu? —Joolin. Duendeen etxean...? Ba horiek ere ez zaizkit asko gustatzen. Hildakoak baino okerragoak dira eta... Hildakoek hitz egin, akaso egin dezakete, baina ez zaizkizu maindirepean eta atzetik inguratzen. Horrelakoren bat ikusiko banu, sustoz hilko nintzateke. —Egia da, Huck. Baina fantasmak gauez bakarrik ibiltzen dira. Egunez ez dute indarrik. —Bai, baina zuk badakizu, inor ez dela duendeen etxera inguratzen ez egunez ez gauez. —Baina ez zaio axola. Jendeari ez zaio norbait hil den lekura joatea gustatzen. Han ez da egunez inoiz ezer ikusi. Gauez bai. Bakar bakarrik argi urdin batzuk leiho inguruan zirristaka. Baina ez fantasma, fantasma, ulertzen den bezala... —Ba, Tom, argi urdina azaltzen bada, pentsa dezakegu fantasma ere ez dela urruti ibiliko. Ez dago gehiago pentsatu beharrik. Argi horiek fantasmek bakarrik erabiltzen dituzte. —Bai, bai eta bai, baina egunez ez badira azaltzen, zergatik izan behar gara haien beldur? —Bueno, bueno, ez zaitez horrela jarri. Joango gara duendeen etxera eta hondoratuko dugu han. Baina, gogoan izan esaten dizudana: oso arriskutsua iruditzen zait. Bitartean mendian behera abiatuak ziren. Hantxe, aurrean, zelai baten erdian aurkitzen zen duendeen etxea, bakar bakarrik. Inguruko hesia puskatua, guzti guztia larrez eta zikinez josia. Hormak eta tximinia erdi eroriak. Teilatu azpian zulo bat zegoen. Egon ziren han mutilak zain eta zain, noiz argi urdinen bat azalduko. Ez zen azaldu. Inguratu zuten urrutitik. Ezer ere ez. Gero etxera itzuli ziren. XXVI. BENETAKO LAPURREK ZEUKATEN ALTXORRA Hurrengo egunaren eguerdian, iritsi ziren bi mutilak zuhaitz ondora. Erramintak han zeuzkaten gordeak. Tom, urduri duendeen etxera joateko. Huck ere bai, baina ez hainbeste. —Tom —galdetzen dio Huckek berehala—, zer egun da gaur? Tomek egutegi osoa buruz pasa zuen. Gero begiak altxa eta harriturik erantzuten dio: —Jaungoiko maitea, ez zitzaidan bururatu ere. —Ezta neri ere. Baina, bat batean ostirala dela konturatu naiz. —Arrazoia duzu. Ez da egunik egokiena ostiral bat duendeen etxera joateko. Saltsa ederrean sartuko ginateke. —Sartuko ginateke, ez, sartuko gara. Zeren, beste egunak bale, baina ostiral bat... Ostiralean suerte txarra izaten da. —Bai, badakit hala diotela. Tontoenak ere badaki hori. Ez pentsa zuk bakarrik dakizunik. —Ez dut hori esan nahi. Baina bai, ostirala oso egun txarra dela. Izan daitekeen txarrena. Bart amets egin nuen. Amets txarra. Arratoiekin egin nuen amets. —Txarra da hori. Adur txarraren seinalea. Eta borrokan al zebiltzan? —Ez. —Hobe horrela. Borrokan ari izatean, laster gorabeherak datozkigula esan nahi du. Bueno, gaurkoz utz dezagun altxorraren nahasketa hau eta jolas egin dezagun. Ba al dakizu nor den Robin Hood? —Ez, nor da ba? —Ingalaterran izan den gizonik haundienetako bat. Lapurra zen. —Oso ondo. Nahiago nuke hura banintz. Baina esan ezazu, nori lapurtzen zion? —Jende haundiei bakarrik: Sheriff, Gotzai, aberats eta horrelakoei. Baina behartsuei behin ere ez. Gero haien artean zabaltzen zuen dirua. —Arraio, a zein tipo interesantea. —Horixe bai, Huck. Munduko gizonik jatorrena zen. Orain ez dago horrelakorik. Hori nik badakit. Esku bat lotuta egon arren, bestea aski zuen edozeini jipoi ederra emateko. Punteria ere izugarri ona omen zuen. Arkuaz... —Eta nolako arkua erabiltzen zuen? —Hori ez dakit. Baina izugarria omen zen. Bueno, egin dezagun Robin Hood ginela. —Ados. Noiz behinka duendeen etxera begiratzen zuten, zerbaiten aztarrenik edo aurkitzen ote zuten. Hurrengo egunean han gauza onik egin al zitekeen edo... Ilunabarra iritsi zenean, itzuli ziren etxerantz. Mendiska tartean galdu ziren. Baina, hara bada, hurrengo egunean, eguerdi aldera, han zeuden bi mutilak zuhaitz hilaren ondoan. Hitz egin eta erre zuten. Han aritu ziren. Ez noski itxaropen haundiarekin, baina bada ez bada ere. Baina egun hartakoa ere alfer alferrik izan zen. Gaur behintzat, kondizio guztiak konplitu zituzten. Eta ez zuten arrastorik ere aurkitu. Zerbait gertatzen zen. Erabaki zuten duendeen etxe barnera sartzea. Ez zen giro hango isiltasun harekin. Errespetua sortzen zuen etxe hark. Hain zegoen utzita eta dena laharrez josia. Non egoten ote ziren duendeak konkretuan? Sartuko ote ziren...? Bai, aurrera. Inguratu ziren aterantz, begiradatxo bat. Gela bat ikustatu zuten, dena hondatua, pipiak jotako habeak, sapaia igeltsurik gabe, leiho eta ate, dena hondatua. Gero, hanka puntetan sartu ziren, zaratarik egin gabe, kontuz, ze gero, irten beharra gertatuta ere, bidea irekita zutela... Gero ordea, ezer ez zela gertatzen ikusi zutenean, animatu ziren eta bazterrak hobeto ikusten hasi ziren. Harrituta bait zeuden zein ausartak ziren. Bizitetxe guztiari begiradatxo osoa eman behar zitzaion. Eta ez ziren noski, erramintekin igoko. Bazterrean utzi eta igo ziren. Hura ere guztia hondatua, triskatua, ezkotasunez josia. Txoko batetan pergamino edo antzeko bat. Aiba... animo bada, baina ez zen ezer. Ez zegoen ezertxo ere. Eta, gero, ia lasai-lasai, berriro jaisten hasi ziren. Baina orduantxe... —Zaude isilik —dio Tomek—. —Zer, zer, zer? —Huckek, zurbil-zurbil gorputz osoan oilo ipurdia zuela—. —Ssss... Han. Ez duzu entzuten, ala? —Bai, bai, arren ez mugitu. Aterantz datoz zuzenean! Mutikoak lurrean etzan ziren, geldi geldirik, eta hantxe gelditu ziren beldurrez jota. —Gelditu egin dira... Ez, ez... badatoz... Hemen daude. Ez hitz erdirik ere esan, Huck. Ai, ai, nahiago nuke hemendik urruti banengo! Bi gizon sartu ziren. Biek beren golkorako komentario berbera egin zuten: “Hau zera duk: duela gutxi bizpahirutan gure herrian izan den mexikar erdi sor hori”. Bestea ez dut behin ere ikusi. —Ez, ez. Ondo pentsatu dut eta ez zait gustatzen. Arriskutsuegia da. —Arriskutsuegia? —erantzuten dio mexikar erdi sorrak—. Beldurti bat zara. Oiloa. Beste “hori”, zarpa zahar bat zen. Aurpegi itsuskikoa. Mexikarra estalki baten azpian zegoen. Kapelu zabala eta masail bizar zuri eta ugariak. Isil samar hitz egiten zuten. Inork entzuterik nahi ez balute bezala. Ate ondoan eseri ziren. Orduan gauzak hobeto ulertzen ziren. Eta hala zioen: Bi mutilak harri eta zur gelditu ziren. Ahots hura ezaguna baitzuten. Joeren ahotsa zen. Isilune bat. Eta gero Joek dio: —Hori baino zailagoa zen lehen egin dugun lana. Eta ez da ezertxo ere gertatu. —Hura desberdina zen ordea. Hura urruti dago eta ez du etxerik inguruan. Bukatu arte ere ez du inork haren berri jakingo. —Eta honantz egunez etortzea, ez al da hori arriskutsua? Norbaitek ikusiko bagintu, ez al luke gaizki pentsatuko? —Bai, noski. Baino eginkizun hura eginda gero, hau baino leku erosoagorik ere ez genuen aurkitzen. Etxe zahar hau uzteko desiratzen nago. Atzo irten nahi nuen, baina mukizu haiek atean zeuden eta nola irten hemendik arazorik gabe. “Mutil mukizu” haiek han zeuden. Eta guztia entzuten. Pentsa dezakezu zer beldur zirrara nabaritu zuten bihotzetan. Gaitzerdi ez zirela atzo sartu. Bestela... Hobeki oraindik behin ere etorri izan ez balira. Hori bai. Bi gizonek, zerbait jateko atera zuten. Isilune luze bat izan zen. Gero Joek zera dio: —Aizu adiskide: zoaz errekari jarraituaz zeure herrira. Egon han nik abisatu arte. Ez dakit herri madarikatu honetan ikusiko nauten. Baina... Eginkizun hau gauzak garbi ikusi arte ez dut egingo. Ezin ditut alferrikako arriskuak hartu. Gero, ba... Texasera. Elkarrekin joango gara. Hori besterik zen, dudarik gabe. Laster bi gizonak aharrausika hasi ziren eta Joek esaten du: —Logalez lehertzen nago. Gaur zuri tokatzen zaizu zain egotea. Etzan zen lurrean eta berehala hartu zuen lo. Gero, zaintzailea ere ezinean hasi zen. Eta hark ere lo hartu zuen. Entzutekoa zen bi haien zurrunka armoniaz betea. —Goazen, oraintxe —dio Tomek—. —Ezin dut, hilko nintzateke esnatuko balira —besteak—. Batek baietz eta besteak ezetz. Azkenean Tom bakarrik animatu zen. Altxa eta jarri zuen hanka lurrean. Baina etxe zahar hartako ohol usteldu guztiak izugarrizko zarata atera zuten: grrrrrrring! Hura beldurra. Etzan zen lurrean, gerran baino itsatsiago. Ez zuen beste saiorik egin. Orduak joan eta orduak etorri, han egon ziren. Zein ordu luzeak. Bukaezinak, eternitate bat baino luzeagoak. Azkenean eguzkiak gaueko iluntasun beltzak urratu zituen. Zurrunkak ere jaitsi ziren. Halako batean Joe jaiki, eta bere lagunari astinaldi bat emanaz, zera dio: —A zer nolako zaindaria daukagun hemen. Gaur zuri tokatzen zitzaizun, baina nik baino lo gehiago egin duzu.—Arranopola, beraz nik ere lo egin dut. Demonio alaena! —Ez, beharbada ez zeunden lo. Itxura besterik ez. Bueno, bueno, ez da ezer gertatu eta aurrera. Abia gaitezen. Baina zer egingo dugu gordeta daukagun beste gauzatxo horrekin? —Ez dakit, bada. Ez da hemen uztea hobe izango? Bestetan ere hala egin dugu, ez da? Hego aldera joan arte eramatea alferrik da. Seiehun eta berrogeita hamar dolare zilar, ez dira putza bezain arinak. —Ados zurekin. Bestela ere etorriko gara honantz. —Ederki, baina nik nahiago nuke lehen bezala gauez etortzea. —Bai, bai, baina, beharbada ez gara luzaroan itzuliko. Eta ez dut uste diru hori zeharo ongi dagoenik. Beste aziotxoa egin arte beharbada, ez gara itzuliko. Zergatik ez dugu lurpean gordetzen? Lurpean eta ondo? —Oso ideia ona iruditzen zait. Gurutzatu zuen gela guztia, eta tximinia azpian zegoen har losa zabal bat jaso zuen. Handik zakuto bat atera zuen. Txin-txin-txin, diruaren hotsa, kantuak bezala egin zuen hark. Hartu zituzten hogeita hamar dolare bakoitzak. Gero Joek, basa labanaz lurrean zulo bat egin zuen. Eta hantxe izkutatuta Tom eta Huck. Haien poza. Batak besteari ukalondoka emanaz. Han ari ziren bi gizonak altxor bat lurperatzen. Seiehun eta... dolare. Hamar mutiko aberasteko sobra eta gehiegi. Han ez zegoen lan asko egin beharrik. Bazekiten non zegoen dirua. Biba...! Joeren labanak zerbait gogorrarekin topo egin zuen. —Aizu, aizu, oihukatzen du. —Zer, zer gertatzen da? —Ez dakit, ez dakit egur ustel bat den ala kaja bat den. Egon, egon, kaja bat dela uste dut. Eman iezadazu eskua, hobeto azter dezadan. Egon, egon, zulatu dut eta. Sartu zuen eskua eta atera ere bai... Arranopola! dirua da eta. Bi gizonek diru hura aztertu zuten. Urrezko diruak ziren. Eta bi mutilak, egon ezinik. —Egon, hau segituan aterako dugu hemendik eta. Hor bazterrean badago pikatxoi zahar bat. Har dezadan eta ikus dezagun. Laster atera zuten kaja hura. Ez zen haundia baina bai sendoa. Garai batean. Ze orain herdoilduta eta erdi puskatuta bait zegoen. Une batetan bi gizonek miragarrizko begiak irekita egon ziren. Hura zen haien adur ona! —Adiskide, hemen milaka eta milaka dolare daude. —Noizbait entzuna dut Murrel eta bere lagunak hemen inguruan ibiliak zirela. —Bai nik ere —erantzuten du Joek—. Eta hala dirudi. —Orain, ez duzu ekintza hura egin beharrik. Joe zalantzan egon zen: —Zuk ez dakizu ondo nire berri. Ez da bakarrik ekintza hori egitea. Nik mendeku baten beharra dut. Hori gabe ez nintzateke lasai egongo. Eta begiak bixi-bixi jarri zitzaizkion. Gero jarraituaz: —Egiten dudanean, ospa, Texasera. Zu zaude lasai, zoaz zure haurrengana eta egon nire berrien zain. —Nahi duzun bezala. Eta zer egingo dugu honekin. Berriro lurperatu? —Noski, bada —Mutilen poza hura entzutean—. Baina, egon, egon... (Mutilen kezka...!). Zer egiten zuen pikatxoi honek hemen. Lur bustia baitzeukan. Zer egiten dute hemen pikatxoi eta pala hauek? Nork ekarri ditu? Entzun al duzu zerbait? Ikusi al duzu norbait? Lurpean sartu, eta gero eramaten badigute, zer...? Ezta pentsatu ere. Ezta pentsatu ere. Nere gordelekura eramango dut. —Zein gordelekura, lehenengora, ala bigarrenera? —Ez, bigarren gordelekura, bigarren zenbakikora. Lehenengoa oso bistan gelditzen da. —Ederki, zuk agintzen duzu, ilundu du eta abia gaitezen. Gero Joe indiarrak leiho batzuk ireki zituen. Begiratu zuen arretaz. Eta gero esaten du: —Nork ekarri ote ditu pikatxoi eta pala hau? Goian ote daude? Guk badakigu bi mutilak goian zeudela. Eta arnasa galdu zuten hori entzutean. Joe indiarrak hartu zuen eskutan basa labana eta gora begiratu zuen. Zalantzatxo baten ondoren, abiatu zen gora. Mutilak ganbarara joatea ere pentsatu zuten. Baina ez ziren ausartu. Eta pausoak inguratzen ari ziren. Eskilara guztiek, “kris-kras” egiten zuten, puskatu nahi baluteke bezala. Ez zegoen beste biderik, ganbarara alde egin beharra zegoen. Baina halako batetan, kraskateko haundi bat entzun zen eta Joek mailatik hanka sartu zuen. Pipiak jandako egurra hautsi zitzaion hankapean. Altxa zen biraoka eta esaten dio lagunak: —Eta zer axola zaizu. Goian norbait baldin badago, bego. Eta jaitsi nahi badu, jaitsi dadila. Laster zeharo ilunduko du eta orduan gure atzetik etorri nahi duenak, egin dezake. Pikatxoi eta pala ekarri dutenek, behar bada ikusi gaituzte. Baina fantasmak ginelakoan alde egingo zuen, noski. Hala uste dut. Zertarako horretaz kezkatu? Indiarrak bestearen iritzia onartu zuen. Laster gaua izango zen eta orduan ezin zitekeen lasai ibili. Argitan egin beharra zegoen lana. Eta geroxeago erreka ingurutik abiatu ziren. Altxa ziren bi mutilak eta tristeki ikusi zituzten bi lapurrak urrutiratzen. Jarraituko ote zieten? Bai, ez? ez, ez. Ezta pentsatu ere. Oraindik bizirik zeuden. Eta hori ez zen gutxi. Herriko bidea hartu zuten. Pikatxoi eta pala madarikatu haiengatik izan ez balitz, gaur aberatsak izango ziren. Baina, alu haiek antzeman. Ia-ia lortzeko egon ziren bada. Baina erraminta eskas haiengatik guztia galdu zuten. Zein suerte txarra. Hura ikusi izan ez balute, Joe ez zen bere “mendekua” aurrera eraman arte itzuliko. Mexikar hura, itzuliko zen behar bada berriro ere herrira. Dudarik ez zegoen. Hura zelatatzea izan zitekeen bide ona diru hura aurkitzeko. Joek bere mendekua aurrera eraman behar zuen. —Bere mendekua? bere mendekua? —esaten du Tomek—. Zer mendeku ote darabil buruan. Aizu, Huck, eta gure kontra baldin bada mendeku hori, zer? —Anda, arrazoia duzu? Gure kontra ote du...? Ez, ez. Ez ezazu horrelakorik esan. Herrira iritsi arteko hizketaldia izan zuten. Beharbada besteren bat izan zitekeen. Edo agian Tom bakarrik. Ze Huck hilerrian izan zenik ez baitzekien inork ere. Tomen larritasunek ez zuten lasaitasunik izan. Bere kontra ari ote zen...? Agian bai! XXVII. ARRASTOEN ATZETIK Ezin hitz bitan esan Tomek barnean sentitzen zuen pena. Dirutza hura ia eskuetan eduki eta era hartan galtzea, ez zen broma izan. Hura zoritxarra. Gau hartan ez zuen hain erraz lo hartu. Hurrengo goizean, esnatu zenean, aspaldiko ipuina iruditzen zitzaion gertakizun hura. Duela urteak eta urteak gertatutako zerbait. Baina, ondo pentsatzen hasita, egiazko errealitatea izan ote zen, ala amets egin zuen? Egia esateko, berak sarritan egin zuen diru pila batekin amets. Baina, zer zen, bada, beretzat diru pila? Hogei dolare, hogeita hamar dolare. Hortik aurrera ipuin politak ziren. Pentsatu ere ez zuen egiten, hainbeste diru esku bakar batean egon zitekeenik. Pentsatu eta pentsatu. Egia ote zen. Ametsa ote zen. Azkenerako ordea, egia zela ere konbentzitu zen. Berak ikusi baitzuen, esna bait zegoen. Dena dela presaka-presaka gosaldu eta Huckengana joango zen. Ez zegoen Huck etxean. Erreka bazterrean txalupatxo batean aurkitu zuen. Hanka bat eskuitik eta bestea ezkerrik, ur zipriztinak ateratzen. Biziki triste. Hitz egin zezala lehenengo Huckek. Hitz egiten ez bazuen, seinale, guztia ametsa zela. —Kaixo Huck. —Kaixo. Isilune luze bat. —Tom, gure erraminta herdoildu eta madarikatu haiek zuhaizpean utzi izan bagenitu, orain diru pila batekin egongo ginateke. Izugarria da horregatik guztia galdu dugula pentsatzea! —Bai, bai. Nik ez dakit zer pentsa. Ametsa ote zen ere zalantzan nengoen. Baina ez zen izan ametsa. —Zer ez zen izan ametsa? —Atzokoa, mutil. Amets huts ote zen dudan bait nengoen. —Ametsa! Arranopola. Eskilara hura hautsi ez balitz, orain linboan egongo ginen. Gau guztian ez dut lorik egin. Mexikar zatar hura atzetik nuela iruditzen zitzaidan. Ustelduko al da alu hori! —Ez, ez. Ez dadila ustel. Aurkitu egin behar dugu. Eta bere atzetik dirua non dagoen topatu. —Ez dugu sekulan topatuko. Horrelako gauzak behin bakarrik gertatzen dira... Posibilitatea galdua dago. Eta gainera ikusi hutsarekin izutu egingo nintzateke. —Baita ni ere. Baina hala ere ikusi nahi nuke. Haren zantzuaren atzetik joango nintzateke mundu guztian barna. —Bigarren zenbakia esaten zuten, bigarren zenbakia. Pentsatu dut baina zer esan nahi zuten horrekin? —Nik ez dakit zer esan nahi zuten. Ez dut ulertzen. Etxeren baten zenbakia ote zen, bada...? —Ez zait iruditzen, Tom. Ez dut uste. Gainera herri honetan behintzat ez dago numerorik. —Halaxe da. Baina egon piska bat. Bale: gela baten zenbakia da hori, dudarik gabe. Taberna batean, hori da, taberna batean! —Pista hori da, zantzua hori da. Herri honetan bi taberna besterik ez dago. —Zaude hemen, Huck, ni itzuli arte. Berehala joan zen Tom. Ez zuen herrian Huckekin ibili nahi. Ez zitzaion interesatzen. Ordu erdi bat igaro zuen. Taberna hura txikia zen. Eta bazuen zenbakia bi zeraman gela bat. Misteriotsu samarra. Bertako semeak zioenez, ez zen egunaz gela hura irekitzen. Gauez bakarrik. Gogoa ere izan zuen zen hori zergatik jakiteko. Baina, fantasmak ote zeuden beldurrez, ez zuen egiten. Gainera, behin, argia ere azaldu omen zen eta... —Hori da aztarrena, hori, Huck. Hori da dudarik gabe guk aurkitu behar genuen bi zenbakia. —Nik ere hala uste dut. Eta orain, zer egiten dugu? —Zaude lasai. Pentsa dezagun. Han egon ziren isilik bi mutilak. Gero Tomek: —Begira Huck. Gela horrek badu atzetik ate bat. Irtenbiderik ez duen kalera ematen du. Zu saia zaitez al dituzun giltza gehienak biltzen. Nik gauza berbera egingo dut. Gau ilunen batean joango gara hara, ea irekitzen dugun nolabait. Zuk Joe ikusten baduzu, jarraitu iezaiozu. Badakizu hura etorriko dela. Zenbaki horretara joaten ez bada, horrek galduta gabiltzala esan nahi du. —Arraio... a ze nolako lana jartzen didazun. —Baina, gauez egitekoa da. Eta gauez ez zaitu ikusiko. Ikusten bazaitu ere ez du susmatu ere egingo. —Bueno, bueno, ilun-iluna baldin badago, jarraituko diot. Bestela... —Horixe bada, ilun-iluna baldin badago. Behar beharrezkoa da haren zantzuari jarraitzea ahal izanez gero. —Bale, bale, jarraituko diot. Ez naiz beldurtuko. —Horrela, Huck, horrela. Zu beldurtzen ez bazara, ezta ni ere.
Brastakoan haize hotz batek gailurra ospeldu zuen. Mendiak onartutako tartea bukatu zela ulertu zuen Martxelok, altzairuzko postontziaren ondoan eserita eta erpin itsasora begira. Igotzeko nekeak saria izan ohi du, sari bikoitza egun hartan, gailurra hutsik topatu baitzuen, berarentzat bakarrik, gorako bide ia osoa bezala. Esker onekoa izan behar zuen, eta beherako bideari ekitera gonbidatuta zegoela onartu. Komeni da mendiaren mezulariari kasu egitea. Polarreko kremailera goraino itxi zuen eta inguruan sakabanaturik zeuzkan trepetak aztertu zituen nagi. Pisuagatik termoa baztertu zuen azken unean, ostatuan motxila prestatzen ari zela, baina zein ondo etorriko zitzaion orduan kafe beroa. Eta zein ondo eskailera mekaniko bat, berarentzat propio jarria jaisteko. Gero kendu egingo zuten mendi sakratua ez bortxatzeko. Okerrena kotxera iritsi eta ostatura artekoa egitea izango zen; gero, herriaren sarrerako auto ilara, aparkatzeko abentura... Maiatzeko zubian ateratzeagatik ordaindu beharreko ordainsaria zen, baina Martxelo langile hutsa zen, egun beltzetan morroi eta gorrietan jauntxo. Erlojuari begiratu zion, hiru eta erdiak. Ostatuan afaldu nahi bazuen, herritik kanpoko parkinean aparkatzea izango zuen onena. Motxila-eta kotxean uztea onena, eta oinez egingo zuen ostaturaino, arinago berunezko hankak ibiltzeko, dutxa beroaren promesak lagunduta. Etsita, zaborra jasotzen hasi zen. Ur zurruta egin zuen botilatik motxilan sartu baino lehen. Kranpoiak eta pioleta ondo lotu zituen motxilaren kanpoaldean. Makilak hartu eta azken agurra egin zion gailurrari, esker oneko berriz ere giza jendearengandik ordu batzuez aldentzeko aukeragatik. Maiatzeko zubia izanda, ezin zen kexatu. Jaisten hasi zen. Harri arteko urrats bakoitzak arreta eskatzen zion, are handiagoa malda pikoan behera, baina lan teknikoa ez zen oztopo buruan pentsamenduak libre ibil zitezen. Mendiak masifikatuak daude, Himalaia ere bai, baina nahikoa da ondoko gailur "xume" batera joatea inor ez ikusteko. Egun osoa ia inor ikusi gabe. Igotzen ari zela, glaziarrera iritsi baino lehen, bikote bat beste inor ez, baina beste bide bat hartuta joan ziren haiek, espero bezala ondoko gailurrera igotzeko, gailur altuenera. Eta hara ere ez zuen jendetzarik ikusi. Non ote zebiltzan asteburuan herria hartu zuten haiek guztiak, familiak, bikoteak eta koadrilak? Agian gailurren batean edo aintzira baten ertzean uretara harriak botatzen ariko ziren, mendiko plana egiten ari zirelakoan, hara errepidetik igo eta kotxea ehun metrora eduki arren. Bapo bazkaltzera joango ziren gero. Pentsamendu gaizto haiek buruan, di-da iritsi zen leporaino berrehun metro jaitsi ondoren. Amorratzekoa zen azken txanpa hura igotzea zenbat kostatu zitzaion. Eta orain di-da apaldu zitzaion egundoko ahalegin hura. Altuagoa zen beste gailurra, bai, baina askoz ere errazagoa. Egun hartan bakarra izan ote zen hara igotzen? Ez zen arraroa izango, ezta aste osoan bakarra izatea ere. Gainera, beranduegi zen orain beste inor igotzeko, azken txanpan ez bazebilen, baina ez: ikuspegi ederra zeukan lepoaren ertzetik eta ez zuen inortxo ere ikusten, ez lepotik beherako kanal piko eta malkartsuan, ez haragoko glaziarrean, ez geroko morrenan... Ala bai? Kanaletik jaisteko sigi-sagari ekin eta berehala konturatu zen oker zegoela: puntu urdina ikusi zuen beheko harrien artean, berrogeita hamar bat metro beherago. Anorak urdina zen eta geldi zegoen. Atsedena hartzen? Ziur. Hortaz, ez zen bakarra izango egun hartan. Mendiak ez du fideltasunik ezagutzen, maitasun laburra baino ez du ematen. Kexu zen arestian jendearen artaldekeriagatik, baina gustura zegoen bere arrangura bakarti hartan. Orain ez zitzaion batere gustatu mendia konpartitu behar hura. Jaisten jarraitu zuen, adi eta arretaz, lekua delikatua zelako. Aurreko amildegiak baino areago beldurtzen zuen belaunetan min egiteak. Beheko mendizaleak geldi jarraitzen zuen. Atsedena hartzen ari bazen, ziurra zen Martxelo ikusi orduko itxoitea erabaki zuela bidean elkarri trabarik ez egiteko, bidexka nahiko estua baitzen. Mendizale astun eta solas zale haietako bat ez egokitzea espero zuen Martxelok, ea gizalege haren truke ez ote zion berriketarik kobratu nahi izango. Martxelok ez zeukan zertan estutu, baina ez zitzaion gustatzen inor zain edukitzea. Hark itxoitea erabaki bazuen, hori ez zen bere ardura, are gutxiago akuilua, are gutxiago solasari ekiteko aitzakia. Gainera, bidexka estua bazen ere, nahikoa zen bientzat. Harengana iristean zerbait esaten bazion, azkar erantzungo zion gelditu gabe, irribarrea ahoan, noski, gelditu gabe. Baina beheko mendizalea ez zegoen Martxeloren zain. Amildegira begira zegoen, geldi, kokoriko, atzeago zetorren lagunen bati itxoiten baizik. Gainera, harri baten atzean zegoen, ezkutatuta bezala. Onduan ulertu zuen egoera Martxelok: laguna iristean, harritik atera eta ezustea emango zion txantxetan. Mendian txantxa gutxi, are gutxiago halako leku batean. Martxelok muturra okertu zuen eta bere baitan marmarka jaisten jarraitu zuen, zenbat arinkeria mendian eta zenbat zorigaizto horregatik. Mendia masifikaturik dagoelako eta gaur egun edonor etortzen delako. Ez hain aspaldi, gore-texa, GPSa eta gizakiak asmatutako beste idolo faltsuak gurtu baino lehen, errespetua aitortzen zitzaion mendiari, huraxe zen lehen araua eta beste guztiak biltzen zituena. Eguna larrialdietakoei deitzen ez amaitzea baino ez zuen espero, behintzat. Gaitz erdi, mendizale hark benetako mendizalearen itxura zeukan, ekipoa, alegia, txinalak jantzita zetorrenik ere ez baitzen falta azken garaian. Baina, nolanahi, txantxa gutxi mendian. Nahiko hurbil zegoen, hamar metro gorago edo, baina artean beheko gizonak behera begira jarraitzen zuen. Erabat murgilduta zegoen bere hartan, eta Martxelo pentsatzen hasi zen azkenean berak emango ziola ezustea parera iristean. Baina ez, bat-batean agertu zen konkor bat amildegiaren ertzetik, buru makurtu bat, enbor erdia, atzeratutako laguna zen, trepatzen eta bere lagunak ezustea emango ziola ezjakin. Onena, pentsatu zuen Martxelok, une batez gelditzea izango zen, itxoitea eta gero ez ikusiarena egitea. Lipar batez nahikoa da gizakien hutsalkeriak izerdi eta neke piloak lortutako bakea zapuzteko, lehen euri tantak hondartza eguna zapuzten duen bezain azkar. Etsita gelditu zen Martxelo makiletan bermaturik eta gertatu beharreko eszenari begira. Baina ikusi zuena ez zen espero zuena izan. Anorak urdinekoa agontzen ikusi zuen, katua bezain zalu, eta bitan pentsatu gabe beste mendizaleari oldartu zitzaion. Indar handiz bultzatu zuen laguna amildegirantz eta bat-batean desagertu zen begi-bistatik. Garrasia urruntzen entzun zuen Martxelok, gero danbatekoa, gero beste bat, eta azkenean isiltasuna. Bertigo itzela sentitu zuen Martxelok, zorabioa, hotzikarak burutik behera astindu zuen, eta artean ez zuen ulertu zer gertatu zen, zer ikusi zuen. Buruak ezusteak asimilatzeko denbora behar du, kontzienteak, hobeto esanda, inkontzienteak ondo zekielako hura hilketa izan zela. Hilketa borobila, gainera. Mendizaleak larrialdietakoei deitu eta istripua gertatu zela esango zien. Aktore ona baino ez zuen izan behar, eta ez oso ona, nahikoa sinesgarri agertzeko. Gainera, inork susmo txarrik hartuta ere, nola frogatu hilketa izan zela, nola frogatu lekukorik gabe? Martxelok geldi-geldi jarraitzen zuen eta ez zuen zarata ñimiñorik ere egin, eta halaxe zegoen anorak urdinekoa ere, amildegira begira oraindik, bere krimenari begira. Zer egin ote zezakeen Martxelok? Harrien artean ezkutatu? Gora egin atzera? Zegoen bezain geldi geratu anorak urdinekoak beherako bideari ekingo ziolakoan? Motelegi ari zen pentsatzen Martxelo, eta alferrik, halako batean, pentsamenduak entzun balitu bezala, anorak urdinekoak burua bueltatu eta gora begiratu baitzuen, zuzen-zuzen Martxeloren begietara, zuzen-zuzen Martxeloren espantuzko aurpegira. Atzetik norbait begira egonda garondoan hazkura modukoa sentitzen dela egia bada, huraxe sentitu behar izan zuen anorak urdineko mendizaleak. Edo, akaso, Martxelok arnas hotsa egin zuen, edo oin azpian txintxarriren bat karraskarazi... auskalo. Segundo amaiezinak igaro dira bata besteari begira, geldi, eta halako batean mendizaleak besoa altxatu du, zer edo zer oihukatu dio Martxelori, baina Martxelok ez du ezer entzun, konturatu ere gabe maldan gora trepatzen ari baita ahalik eta azkarren urruntzeko, sigi-saga ahaztuta, ihes. Besteak azkar jaso du bazterretik motxila, bizkarrean trakets jantzi, behera begiratu, gero gora, berriro behera, eta azkenean Martxeloren atzetik abiatu da gora. Oihu egin dio berriz, eta oihu egiten jarraitu du berak ere gora egin ahala. Martxelok behera begiratu du, mendizalea segika daukala ikusi eta bizkortu egin da. Ez du gelditu nahi, elkarrengandik ahalik eta tarterik handiena utzi nahi du, besteak laster amore emango duelakoan, alferrik ari delako, hobe duelako buelta eman eta ihes egitea. Arnasa falta zaiola heldu da leporaino. Besoak belaunetan bermatu eta segundo batzuk behar izan ditu bere onera itzultzeko. Behera begiratu du eta hor ikusi anorak urdinekoa igotzen, amore eman gabe. Igotzen jarraitzen du eta ez dago uste bezain urrun. Taupadak bizkor sentitzen ditu bularrean, nekea eta izua aldi berean, baina korrika txikian hasi da lepo barrura. Damuak hartu du bat-batean: sigi-sagan egin behar zion aurre, kanalean bertan, altueraz baliaturik erraz harriak bota ahalko zizkion igotzea galarazteko, leku ona zen hura, baina lepoa ez, lepoa larre zabala baita, ez da oso malkartsua eta mendizalea erraz babes liteke han eta hemen dauden harri handien atzean, eta harrika erantzun. Agian, atzera jotzen badu, abantaila berreskuratu ahal izango du... baina ez, beranduegi da, lepora iristeko zorian egongo baita, berarekin topo egingo luke, aurrez aurrekoa izango litzateke borroka. Mendizaleak ez dauka makilarik, hori uste du Martxelok, ez daukala makilarik, pioleta bai, pioleta zeukan motxilan loturik, eta gero igoeran laguntzeko erabili du, erabiltzen ari da. Berak ere badauka pioleta, eta makilak, kranpoiak ere arma izan daitezke. Adrenalinak kemena eman diezaioke aurre egin eta uxatzeko, agian pioleta eskua gora berarengana oldartzen bada, izutu egingo du, baina urduri dago oso, eta besteak argi utzi du hiltzeko gauza dela, norbait hiltzeko odola daukala, buru hotza... Ihes egin behar du, aurrera jarraitu behar du, ihes, besteak laster amore emango duelako. Ezkerraldean, aurreko gailurrera bueltatzea dauka, baina bide itsua da hura; eta aurrekoa, lepoaz bestaldeko amildegitik jaistea, erokeria da sokarik gabe. Ihesbide bakarra eskuinaldean dago, beste gailurrera iristeko bide zaharretik, ehiztarien bidexkatik. Lepoa ixten duten orratz ilararen eta beheragoko amildegiaren arteko faja pikotik doa bidea, eta mapan markatuta badago ere, ez GPSean, istripuak zirela-eta GRtik kendu baitzuten. Nebero handia, malda pikoak, harritzar batzuk eta erlaitz delikatu pare bat zeharkatu behar dira, eta harexegatik baztertu zuen Martxelok goizean egun berean bi gailurrak egiteko asmoa, estreinakoz lepora iritsi zenean handik joateko aukera onik ikusi ez zuelako. GRtik kendu bazuten... Orain, baina, ondo etorriko zaio ibilbidea aztertu izana. Azkar joan behar du, anorak urdinekoa lepora iritsi baita. Berriz hasi da oihuka eta imintzioka, besoei eragiten, baina Martxelok korrika jarraitu du eguzkiak ferekatzen dituen orratz beltzen azpira. Haize boladek atzeko mendizalearen arnas-garrasiak isiltzen eta handitzen dituzte tarteka. Fajara iritsi denean, ez du bidezidorrik ikusi, eta seinale marka bakarra GRren bide okerreko ixa zuri-gorria da harri batean margoturik. Aurrean faja hutsa dauka, amildegiak moztutako magal zerrenda. Atzera begiratu du. Arestian bera gelditutako leku berean dago orain mendizalea, besoak belaunetan bermaturik, buruz behera, arnasa berreskuratzen. Laster etsi behar du, etsita ez badago. Zorrotz aztertu du Martxelok. Prismatikoez hobeto ikusi ahalko balu ere, baina prismatikoak motxilan dauzka, ez du denborarik galdu nahi. Ziur esaterik ez dauka, baina ez bide du kranpoirik. Agian motxila barruan izango ditu. Ez daki, baina ez badauka kranpoirik, abantaila handia dauka berak neberora iritsita, ezin izango dio jarraitu. Mendizalea orain luzatu egin da, gora begira hartu du arnasa, hodeiak ere irentsi nahian, eta airea bota duenean orroa egin du, dunbotsa bihurturik inguruko hormatzarren artean. Lasai asko erantzi du motxila, botila hartu eta edaten hasi da; gero, zer edo zer jaten hasi da, barra energetikoa edo, urrundik Martxelori zorrotz begira. Ez, ez du etsi, jazarpenean jarraitzeko prestatzen ari da, eta Martxelo denbora galtzen. Hilketa lekutik urrundu izana hiltzailearen mesederako da, orain konturatu da Martxelo horretaz, egun eta inguru berean bi amildu izatea arraroa baina posible baita; bi istripu toki berean, ordea, edonoren susmo txarra pizteko modukoa. Ez da pentsamendu lasaia Martxelorentzat. Badoa korrika, badoaz biak. Urrundik, haranaz bestaldeko mendietatik bi puntu ikusiko lituzke begi zorrotzen jabe den batek, puntu urdina eta puntu gorria harrizko hormatzarraren eta amildegiaren artean, Martxeloren anoraka gorria baita. Gorria ere bazen hildakoarena. Berrogeita hamar metroko tartea dago bien artean, eta urrundik poliki mugitzen ari direla dirudi, halaxe irudituko litzaioke balizko lekukoari arretaz aztertu eta kalkulurik egin ezean, baina korrika ari dira biak, ahalik eta bizkorren, faja estuak uzten dien neurrian. Harrapakina aurretik eta harraparia atzetik. Faja makurtzen edo estutzen denean baino ez dute martxa moteltzen, horrelakoetan estropezu txikiak ere amildegitik behera eramango baitu baldarra. Hango urduritasuna eta larritasuna ere ez lituzke sumatuko haranaz bestaldeko lekukoak, ez luke sumatuko Martxelok dardarka dituela hankak, eta bere urratsak gero eta traketsagoak direla. Badaki Martxelok ez dela nekea bakarrik, izu-ikara baizik, inoiz sentitutako handiena, arrotza bezain ezaguna. Lehendabizikoz heriotzaren beldur bada ere, ordura arte inoiz bizitza salbatzeko korrika egin behar ez badu ere, ezaguna zaio egoera, geneetan grabaturik, behinolako sena, leku eta egoera berean baina hamar mila urte lehenago ehiztari jazarriak piztiaren batengandik ihesi izango zuen sen berbera. Baina oraindik bere buruaren jabe da, itxaropena dauka. Neberora iritsi behar du, eta ordurako besteak amore eman ez badu, orduan emango du, aurrera jarraitu ezinik. Haraino, ordea, tartea utzi behar du Martxelok bien artean, ahalik eta handiena, kranpoiak janzteko astia izango badu, eta pausoa arindu du. Behar bezala korrika egitea baino areago kostatzen zaio taxuz pentsatzea. Ihesaldi itsua da eta tximistak bezala jotzen dute pentsamenduek buruan, bere bizitzako argazkiak aparteko muntaketan, ezkontzetako muntaketa horietako batean bezala. Ama etortzen zaio burura eta haserre baztertzen du irudia, ez amagatik propio, bere alabaz lehendabizikoz ez gogoratzeagatik baizik, baina segituan emazte ohiak hartzen du lekua, ez, kontzentratu behar du, neberora iritsi behar du, horretan jarri arreta, eta urrats bakoitzean, ezin du sinetsi egoera horretan dagoenik, ordu erdi lehenago mendia patxadaz jaisten ari zen, mendizale arrunt bat maiatzeko zubian, eta orain mendizale hura dauka orpoz orpo. Zergatik ez du amorerik eman? Zergatik jarraitzen dio amorru biziz? Txakur amorratua da, ez pertsona! Neberora iritsi behar du. Azkenik lortu du irudi bakarra finkatzea, eta ez da ez oroimenetik ez beldurretik ateratakoa. Erlaitz konkor estu baten atzean neberoa agertu da, azkenik, hamar bat metrora, faja zabaltzen den lekuan. Atzera begiratu du eta denbora kalkulatu du bestea parera iristeko eta berak kranpoiak janzteko. Azkar ibili beharko du. Izotz ertzera iritsi baino lehen, motxila erantzi eta kranpoiak motxilatik askatu ditu azkar. Ez du eseri nahi, baina eseri behar izan du jantziko baditu. Ezin du begirik kendu atzean utzi berri duen erlaitzetik, bat-batean mendizalea uste baino lehenago agertuko ote den beldur, baina badaki ezinezkoa dela hain azkar iristea, oraindik tartea daukala. Hotz pentsatu behar du, lasaitu, buruaren jabe egin, hanken eta besoen dardara kontrolatu kranpoiak janzteko. Lehen kranpoia lotu du. Erlaitzean ez dago bestearen arrastorik. Bigarrena janzten hasi denean, arnasestuak entzun ditu, gero eta ozenagoak, badator, hurbil da, edonoiz agertuko da erlaitzaren bueltan, kranpoiaren uhalak trabatzen zaizkio, hatzak baldarrak dira, eta han agertu da, han dago. Azken uhala ozta lotu du Martxelok. Motxila azkar jantzi eta neberoan sartu da. Korrika egiteko tentaldia handia da, baina ondo daki urratsez urrats baino ezin duela egin. Bidea, noski, markatu gabe dago. Izotzezko hogei metro baino gehiago ditu aurrean. Eta atzean mendizalearen arnasestuak, zezeltzen dituen arnasestuak, eta hitzen antza hartzen duten arren, Martxelok ezin du ezer ulertu, ezta ulertzeko ahaleginik egin nahi ere. Aurrera doa izotzean zehar salbaziora. Mendizalea izotz ertzean geratu da, berriz besoak belaunetan bermaturik, makurturik. Hamar segundo baino ez ditu eman horrela izotzetan saiatu den arte, hiru urrats egin ditu laprast egin baino lehen, eta pioleta sartu izan ez balu, behera joango zen. Pioletaren laguntzaz aurrera joaten saiatu da gero, baina laster konturatu da alferrik ari dela, eta harrira bueltatu da. Arnas berreskuratu urriak ametituko dion madarikaziorik ozenena bota du. Amore eman behar duk!, xuxurlatu du Martxelok bere baitan, garaitu haut! Eta badoa izotzetan barrena, txakur amorratua bere etsian atzean utzita. Ezin du sinistu, baina irribarrez doa orain. Zalantza egin zuen egunsentian kranpoiak eraman ala kotxean utzi, eta ordura arte behar ez baditu ere, ezta glaziar gero eta urriagoan ere. zuhurtziak salbatu du orain. Hobe zen termoa utzi eta kranpoiak eramatea, bai. Mendizaleak, ordea, ez du oraindik amore eman nahi, harrapakinak nola ihes egin dion ulertzen ez duen txakur amorratua bezala dabil bere baitan bueltak ematen, inguruan miatzen aurrera jarraitzeko. Arroilan gora hasi da, nebero estutzen baita han, inbutu baten moduan. Erpinaren gainetik pasatzea ezinezkoa da, horma bertikal batek ixten baitu, baina hara iritsi baino lehen hiru bat metro zabal baino ez da izotza. Halere, bestaldean jarraitzen du horma horrek hamar bat metroz behera fajako maldara iritsi arte. Eroturik egon behar saiatzen pentsatzeko ere. Alferrik ari haiz, pentsatu du Martxelok, baina arinago joaten hasi da, ez hain lasai, ez arestian bezain ziur. Neberoaren bi heren eginak ditu mendizalea pasabidera iritsi denean. Pentsatu baino azkarrago iritsi da hara, eta Martxelo areago estutu da. Ezinezkoa da handik kranpoirik gabe jaistea, erokeria, baina arinago doa Martxelo, pausoa azkartu du, irribarrea ahaztu, tarteka gelditu mendizalearen zereginak aztertzeko, gero damutu gelditzeagatik eta azkarrago abiatu. Izotzezko hiru metro zeharkatu behar ditu mendizaleak bestaldera iristeko. Motxila erantzi eta bazter batean utzi du arinago joateko, ez du eramango. Izotza bigunago dago erpinetik hurbil eta pioletaren laguntzaz ez du arazorik izan. Hormari itsatsita jaistea bestelakoa da, ordea. Hasieran errimaiak harritza zerrenda utzi arren, estuagoa da gero, eta zentimetro batzuetako tartea baino ez dago izotzaren eta haren azpitik hondoratzen da hormaren artean. Ertzean kokoriko jarri da maldari begira, eskuineko eskua hormako arrakalatxo batean bermaturik eta bestea izotzetan sartutako pioletari eusten. Halaxe geratu da tarte batez, blokeaturik eta oinak ondo bermatu ezinik. Martxelo neberoaz bestaldera iritsi eta kranpoiak eranzten ari dela ikusi du mendizaleak, ihes egingo dio. Gorputza luzatu eta irristatzen utzi du pixka bat, pioleta izotzetan berriz sartu eta beste puska bat jaitsi du hormako beste arrakalatxo batez baliaturik. Laster iritsiko da magalera pauso txarrik eman eta amildu ezean. Hartutako arriskuak galdutako tartea berreskuratzen lagunduko dio, pauso txarrik eman eta amildu ezean. Martxelo konturatuta dago lehen baino okerrago dagoela orain. Arineketan hasi da, ezin dio abantailarik eman, bai tarterik handiena utzi euren artean. Fajako maldarik pikoena da eta areago estutuz doa neberotik. Hormatzarra bertikala dauka mendi aldean, eta ezin gertuago ibili behar du, bereziki erlaitzetan, harriari itsatsita. Fajatik behera malda dagoenean, bazterreko landaretza urriak eusten die harriei, baina handik behera harri solteak amildegiraino iristen dira. Horregatik, eskuineko makila baino ez du erabiltzen, beste eskua hormako zirrikitu eta kosketan aseguratzeko. Berrehun metro gehiago eta arroilatik igotzen hasi ahalko da ondoko gailurrerako bidera iristeko. Goiko bidera iritsita, erraza izango du ihesbidea maldan behera; bestela, lehenago aurre egin behar badio, arroilatik igo eta harrika egin ahal izango dio, aurre egin bai, neberotik amildu gabe fajara iristea lortu badu besteak. Ez daki lortu duen, orain ezin du ikusi, fajak hainbat koska dituelako nebero atzean utzita. Baina lortu badu, leher eginda egongo da, eta Martxelok arnasa eta sasoitik pixka bat berreskuratu du izotzetan barrena ezinbesteko pauso mantsoan. Haizeak bere partea eman nahi du orain. Gogorrago dabil mendiak barrura egin baino lehenagoko bueltan, eta haizeak beti larriagotu egin dio bertigoa Martxelori. Atzera begiratu duenetako batean itzal urdina ikusi uste izan du fajako buelta batean. Bizkortu egin da. Atzera berriz begiratu eta ondo ikusi ahal izan du orain, atzetik jarraitzen dio oraindik, eta estualdiak hartu dio bihotza Martxelori. Ez du ulertzen, ezin du ulertu amorru hori, kemen hori. Zer egiteko gauza ez ote da izango harrapatzen badu! Berriro blokeatzen hasi da, ezin du pentsatu, baina mendizalea gero eta gertuago dauka. Azkenean ulertu du, motxilarik gabe arinago doa hura. Berak ere motxila utzi beharko luke, baina ez daki, ez da une batez ere gelditzera ausartzen, eta hain gutxi falta zaio arroilara iristeko. Pareta aurrean dauka ia, eta harri batean orban gorria ikusi du, higatutako marka zaharra, bideak handik gora jarraitzen du. Baina ez du ulertu zergatik egin duen talka harri batek orban gorriaren ondoan; eta segituan beste harri batek belarria urratu dionean ere ez du berehala ulertu mendizalea harrika ari zaiola atzetik. Amorrua sentitu du, gelditu eta bera ere harrika erantzuteko gogoa piztu zaio. Horixe nahi du mendizaleak, arroilatik gora egin ez dezan. Baina Martxelo ez da gelditu eta gora hasi da ahalik eta bizkorren. Laurogei bat metro gora ditu beste bidera iristeko. Ez da asko. Sigi-saga piko eta azkarra granitozko hormatzarrean. Maiz eskuekin trepatu beharra dago, eta lur urrian egindako ildoak dira bide zuzenari jarraitzeko ia pista bakarra, harri meta gehienak erorita baitaude. Sokak erabili behar ote diren zalantzazko leku horietako bat, horregatik arriskutsua, horrelako lekuek konfiantza sortzen dutelako. Teknikoagoa eta berez arriskutsuagoa izatera, jendea adiago ibiliko litzateke, eta istripu gutxiago gertatu. Erraz ulertzen da, beraz, bi gailurren arteko pasabidea ibilbidetik baztertu izana. Martxelo antzeko hausnarketan ibiliko litzateke bide hura erronka hutsagatik aukeratu izan balu, ez bizitza salbatzegatik. Gainera, sigi-sagaren ondorioz askoz ere hurbilago ikusten du mendizalea, eta halaxe dago zinez, bien arteko tarte zuzen eta bertikala aintzat hartuz gero, benetako tartea antzekoa den arren. Baina sentsazioak pisu handiago dauka eta Martxelok ezin du etsipena burutik kendu. Urraturik dauzka eskuak harrien artean trepatzeagatik; urduritasunak, neke hutsak eta arnas faltak hanken eta besoen kontrola galarazten diote. Uste baino ahulago dago. Hogei metro baino gutxiago geratzen zaizkion arren, ezinezkoa iruditzen zaio, metro bat ere ezinezkoa, eta badaki une batetik bestera ziplo eroriko dela indarrik gabe, badaki gora iritsita ere, anorak urdineko deabru horrek jarraituko diola atsedenik gabe. Arnasestuak negar zotinarekin nahasten zaizkio, alaba, ama, aita... emazte ohiaren irudia ere badatorkio, eta ez du uxatzen. Belauniko erori da gora iristeko hamar bat metro baino geratzen ez zaizkiola. Ezin du gehiago, amore eman du. Zarata entzuten du, norbaitek bere ondoan akordeoi urratua modu frenetikoan hauspotuko balu bezala, eta kostatu egin zaio zarata bere arnasak egiten duela konturatzea, baina bost axola, hobe bihotzekoak joko balu oraintxe bertan, amore eman du Martxelok anorak urdinekoak gora jarraitzen duen bitartean. Laster hartuko du. Harriaren kontra bermatu da. Zerura begira denboraz ahaztu da, minutu bat, bi, bost... agian segundoak dira, ez minutuak. Urrun entzuten du dena, belarrietan tapoiak jarrita bezala. Konortea galtzeko zorian dago mendizalea hurbiltzen entzun duenean. Negarrez hasi da, ezin da altxatu, ez da harritxo bat eskuan hartzeko gauza ere. Eta badator, trepatzen ari da, burua agertu du, aurpegia hurbiletik ikusi dio Martxelok, baina une batez ez da Martxelo, une batez bere baitatik ateratako piztia da. Agondu egin da, besoak luzatu eta ahalik eta indartsuen bultzatu du anorak urdinekoa amildegira. Berrogei metro behera egin du harrien artean talka egin arte. Han ikusi du Martxelok altxatu eta ertzetik begiratu duenean: besoak zabalik, hankak okertuta eta burua odoletan bilduta. Poza sentitu du, disfrutatu duela onartu eta gustura hartu. Mendizalearen izu aurpegia gustatu zaio, putakumeak ez zuen espero. Bat-batean indarberrituta sentitzen da, bidea bukatu eta kotxera iristeko gogoz, gertatutakoa ahaztu. Ez du salatuko, azalpen gehiegi eman beharko lituzke eta agian ez liokete sinistuko. Pozik ikusiko ditu albisteak: “bi mendizale hilda... neurriak hartzea eskatu... istripuek berriz dolua ekarri dute menditik...”. Hamar metro gora eta gero dena maldan behera. Azken begirada eskaini dio mendizaleari, txistua bota dio buelta eman baino lehen. Eta, hain zuzen, buelta ematean ikusi du: goian norbait dago hari begira, ikusitakoak izututa, ezbaian, korrika hasi edo zer egin ez dakiela. Martxelok besoak altxatu ditu, gelditzeko esan dio, ez dezala gaizki pentsatu, ez dela hilketa izan, bere burua babesteko egin behar izan duela, bestea zela hiltzailea, bera dela biktima... Baina goiko mendizalea aspaldi hasi da ihesian. Eta Martxelok jarraitu egin dio atzetik azalpenak eman behar baitizkio, gaizki-ulertua azaldu, ulertarazi...
AURKIBIDEA Deabru gurea Lardaskeriatan jarrai Etsigaitzen haranetan barna Epaileen epaitzea Etxea ere atze lur Errepideko umeak Eliso ezlekuan dantzari Kobzari musikari zapalduak Muraschg herriko arima herratuak Hotentoteen zoria Piztiak, gizakiak, robotak Oi Marte maitea! Cristobal Colon alpinista Emazteen kaltez Elkartasunetik eskuzabaltasun neurrigabera Azal-egile baten hutsegitearen harira Elur emankorra Maitasun “platonovikoa” Papagaien hizkuntza-baliabide filosofikoez Erdaltzain irrealen lanak eta lorrak Berg, heil! Bidaia filosofikoak versus turismo filosofikoa Sapienszentrismoa Orentzako jarraibideak Kearen asmatzea Deabru gurea Herbehereetako herritarrek Laurogei Urteko Guda (1568-1648) deitzen diote Espainiako legetik askatzeko egin zuten ibilbide luze latzari. Herbehereetan oraindik ospatzen dute espainiar harroxkoak gainetik kendu izana. 80 urte: zortzi zenbakiak biribiltasuna adierazten du, infinitua edota gurpil zoroaren ikurra ere izanik, besteak beste. Bere isatsari hozka egiten dion suge baten bidez irudikatzen da maiz. Hein batean, halaxe gertatu zen: zenbat eta ankerrago jokatu espainiarrek, hainbat eta ugariagoak beren etsaiak. Eta herriak ere, zenbat eta gutxiago galtzeko izan, hainbat eta irmoago erantzun zuen. Etengabeko soka. Era berean, nederlandarrei amaigabeak egingo zitzaizkien laurogei urte haiek. Gerrari bidea eman zioten tirabirak lehendik zetozen. Espainiarrek inoiz ez dute izan beste herrien sinesmenak eta ikuspegiak aintzat hartzeko joera. Adibidez, gerra piztu baino lehen Felipe IIak Inkisizioa erabili zuen Herbehereetako protestanteen kontra, hauek gero eta ugariagoak zirelako. Izan ere, protestantismoaren oinarrian Eliza Katolikoaren ustelkeria eta hierarkia salatzeko herritarren gogoa zegoen. Bestalde, 1565ean nederlandar 400 bat noble kalbinistak Compromis des Nobles hitzarmena sinatu zuten, non Inkisizioaren desagertzea eskatu baitzuten, bai eta heretikoen kontrako jazarkundeari amaiera ematea ere. 1566an, aipatu hitzarmena izenpetu zutenek Parmako Margaritarengana jo zuten. Parmako Margarita Herbehereetako gobernaria zen Bruselan orduan, Felipe II.ak izendatua. Noble haiek eskutitz bat eman zioten, lege berriak egin zitezen erlijio-gatazkari konponbidea eta autonomia politiko handiagoa eskatzeko. Topaketa horren ondoren, Parmako Margarita Estatu-Kontseiluko kideekin bildurik zegoelarik, Charles de Berlaymontek, —espainiar erregearen aldeko herbeheretarra berau—, erdeinu osoz esan omen zuen herbeheretar noble haiek eskaleak baino ez zirela. Frantsesez, gueux. Handik aurrera, independentziaren aldeko matxinoek "eskale" hitza bere egin eta Geuzen —”eskeko”— izena eman zioten beren buruari. Albako Dukea, —Burdinezko Dukea goitizenez—, berriz, bere doilorkeriagatik egin zen ezagun. Behin eta berriro hautsi zituen orduko markak bortizkeriaren eta odolzalekeriaren alorrean. Bere soldaduekin sartzen zen herri eta hirietako biztanle guztiak zigortu eta hil ohi zituen, gupida gabe. Hain zen arbuiagarria Albako Dukea, non jendeak Aita gurea haren neurrira egokitu baitzuen 1572an: Deabru gurea/ Bruselan zaudena/ madarikatu izan bedi/ zure izen gorrotagarria/ urrutira bedi zure erreinua/ etor bedi zure hondamena/ ez bedi egin zure nahia/ ez lurrean ez zeruan sekula/ ogia kentzen diguzu egunoro/ gose dira herritar oro/ ez baitzara inoren erruki/ guk ez dizugu begirunerik/ eramanen gaituzu tentaldira/ zure sumina jasaten dugun artean/ Jainkoa otoi begira gaitzazu/ deabru horren gaiztakeriatik baita haren Batzorde/ odolzale gezurtitik eta bidal itzazu espainiar gerlariak/ Satanen eskura infernura. Amen. Otoitz berezi samar horretan agertzen den “Batzordea” Espainiako Erregeak Herbehereetan ezarritako auzitegi berezi bat izan zen. Herriaren ahotan: Blutrad (Odolaren Batzarra), besterik gabe; Espainiako Historian, ostera, Tribunal de los Tumultos (Iskanbiletako Auzitegia) deitutakoa. Epaitegi hartako epaileek milatik gora lagun kondenatu eta hilarazi zituzten. Espainiar soldatuen harrapakeriak eta gehiegikeriak izugarriak izaten ziren. Une batean, hain egoera korapilatsuan zeuden espainiarrak, non Albako Dukeak berak eskatu zion Felipe II.ari gobernari-kargutik kendu zezan. Espainiarren dena txikitzeko jokabidea Antwerpen hiriko gertakariek erakutsi zuten 1776an. Bertakoek Spaanse Furie (Furia espainiarra) deitu zioten espainiarrek eragindako sarraski gorriari, Antzinako mendekuaren jainkosez oroiturik. Edonola ere, Antwerpen hiriaren suntsitzeak eta biztanlegoaren herenaren hiltzeak are eta gaitzespen gehiago ekarri zizkien espaniarrei, oraingoan baita katolikoen aldetik ere. 1581 urterako, aldiz, Ipar Herbehereetako zazpi eskualdeek independentzia aldarrikatzea lortu zuten. Herrialde hura errepublika bihurtu zen Orangeko Gillermo gidaritzapean. Berehala, Espainiako Erregeak dirutza eskaini zuen Orangeko Guillermo hiltzeagatik. Hala, Juan de Jauregui bilbotar katoliko fededun sutsuak, —atentatuaren egunean Arantzatzu eta Begoñako amaren kuttunak zeramatzan aldean,— Orangeko Guillermoarengana hurbildu eta tiro egin zion gertu-gertutik. Orangeko Guillermo, alabaina, bizirik irten zen. Alabaina, handik bi urtera beste katoliko peto batek eman zion heriotza Orangeko Guillermo Herbehereetako Estatuaren aitzindariari. Bien bitartean, herriaren ahaleginek Espainiako mendekotasunetik askatzeko aurrera egin zuten, helburua bete arte. Horrexegatik, herbeheretarrek mirespen handia sortu zuten beren garaikide nahiz ondorengoengan. Friedrich Schiller idazleak, esaterako, historia-liburu bikain bat argitaratu zuen 1788an espainiar eta herbeheretarren arteko gatazkari buruz. Schillerren ustez, nederlandarrak ez ziren batere ekintza heroikoetara emanak; aitzitik, bakezaleak ziren, izatez. Halere, berebiziko gaitasuna garatu zuten tirania garaitu ahal izateko, hain zuzen, beren eskubide preziatuenen alde ari zirelako. Schillerren iritziz, herbeheretarrek beraiek ere harritu egin ziren beren ausardiaz jabetu zirenean. Horrezaz gain, drama arrakastatsu bat idatzi zuen Schillerrek, herbeheretarren borroka testuinguru duena: Dom Karlos. Jakina, Dom Karlos luzaro egon zen Espainian bazterreratua. Bada, hamaika oztopo eta eragozpen ageri ziren Schillerren askatasunaren aldeko antzerki-lana gaztelerara itzultzeko orduan. (2) Hein handian, munduan zehar zabalduriko Elezahar Beltza Herbehereetako gerra-garai horri zor zaio. Geroztik, ordea, Espainia bere indarkeria urrutira eramateko ahalmenik gabe geratu eta europar periferian kokatzen hasi zen. Hau da, penintsulatik kanpoko hainbat tokitan lasaialdia hartzeko aukera izan zuten bitartean, penintsula barruan tinko eutsi zion Elezahar beltzaren eraginak. Portugal garaiz libratu zen arren, beste askok oraino nozitzen dugu. (1) Friedrich Schillerrek 1788an argitaratu zuen bere saiakeraren lehen atala Espainia eta Herbeheren arteko borrokari buruz, Jena hirian Filosofia katedraduna zela: Geschichte des Abfalls der Vereinigten Niederlande (gazteleraz, Historia de la separación de las Provincias Unidas de los Países Bajos del gobierno español). Gogoeta filosofiko eta historikoek osatutako lana da. (2) Dom Karlos, Infant von Spanien (Don Carlos, Infante de España), 1783 eta 1787 artean idatziko drama, bost ekitaldiduna. Gaztelerara egindako itzulpenez, ikus: Ana Isabel Ballesteros Doradoren artikulua Cuando la traducción está prohibida: Don Carlos de Schiller en la España decimonónica. Revista de Historia de la Traducción. 6 zenbakia. (2011). Lardaskeriatan jarrai Michele Angiolillok, Espainiako Ministroen Kontseiluburua Arrasateko Santa Agedan 1897an hil zuen anarkista italiarrak, ez omen zuen atentatua bakar-bakarrik egin bere gogaideek Bartzelonan zuela gutxi jasandako zapalkuntza bortitzagatik. Aitzitik, Angiolillok atentua baino urte erdi lehenago gertatua zen José Rizal Filipinetako sendagile, poeta eta idazlearen hilketa bidegabea ere izan zuen gogoan tiro egiteko orduan. Hala azaldu omen zuen atentatugileak berak. Bada, Canovas del Castillo sinatu zuen Rizalen heriotza-zigorra betetzeko agindua. (1) José Rizalek Medikuntza eta Filosofiaren arloan ikasketak egin zituen, besteak beste, Espainian, Frantzian eta Alemanian. Munduan zehar bidaiatu zuen ere, bere sorterriaren alde lan egiten, Manilan —Espainiako kolonia orduan— 35 urte zuela garrotez hil zuten arte, matxinada-delitua leporatuta. Egun Noli me tangere, Rizalen eleberri mamitsuena, non espainiarren kolonialismo ankerra salatu baitzuen, jorratu beharreko irakurgaia da Filipinetako ikastegietan. (2) Rizal ez zen anarkista, ez eta bortxa baliatzearen aldekoa ere. Gainera, ez zuen helburu Filipinetako burujabetza: espainar hiritarren eskubide berdinak eta Espainiako Gorteetan ordezkariak izatea baino ez zuen eskatzen bere herrikideentzat. Rizalek ez zuen bere jatorriaz lotsa den "indioa" izan nahi, —espainiarrek zazpi mila bat irlek osatutako uhartediko biztanleei mespretxuz eman zieten izena erabilita—, filipinarra baino. Ez gehiago eta ez gutxiago. Hala, ekarpen handia egin zion Filipinetako herriari, askatasun-egarria eta ausardia piztuz herritarrengan, bere idazkiak eta ekintzak zirela bide. Rizalen izaeraz eta jarreraz jabetzeko lagungarria izan daiteke Gustav Landauer judu alemaniar pentsalari anarkista eta ekintzaile pazifistarengana jotzea, Rizalen belaunaldikoa berau. Izan ere, biak ala biak, giza duintasun eta eskuzabaltasunaren eredu izan ziren. Landauerrek ondoko hau idatzi zuen Sozialismorako Deia izeneko bere liburuan: Gainbehera eta behartasun gorriko garaietan, ez kulturarik ez asmamenik ez dagoen horietan, min hartzen duten gizakiek —ez kanpotiko mina soilik, baizik eta batik bat barnetikoa, ingurua beraien izaera barru-barrukoena, beren bizia, beren nahimen, sentimen eta gogamena harrapatzen saiatzen delako—, ideal baten beharra dute horri guztiari aurre egiteko. (3) Alabaina, Landauerrek argi utzi zuen "ideal" hitzak zor zitzaion ospea galdua zuela, hain zuzen, itxurazale txepelek beren buruari "idealista" iritzi ohi dietelako; eta, horren ordainetan, sasizientzialari berritsuek eta burges zikoitzek errealismoaren monopolioa bereganatu dutelako. Zentzu horretan, Rizal "idealista" baino, ameslaria zen, agian. Garai guztietan aitzakia erabiltzen diren "halabehar" errealista politikoetatik urrun bizi izan zen, diru-gosetik eta boteretik aske. Dena den, "amets" hitzak berak ere galdu du esanahia honezkero. Bete ezazu zure ametsa!, —diosku publizitateak behin eta berriz, "ametsa" markak hausteko lehia edo egozentrikoen goranahiaren sinonimoa balitz bezala. Ametsek, ordea, uste oneko jendea bizi den lurralde bat osatzen dute; xaloak dira, berez, inongo utilitarismorik gabeak. Ez dute zerikusirik self made (wo)man delakoaren ideologiak sustatzen duen norgehiagoka indibidualistarekin. Zertan da bizia? —egin zuen galdera Landauerrek gorago aipatu liburuan. Laster hilko gara, denok hiltzen gara, ez gaude ezta bizirik ere. Ezer ez da bizi, bilakatzen garena eta gure baitatik sortzen duguna izan ezik. Sorkuntza bizirik dago; ez, ordea, sorkaria, baina bai sortzailea. Esku zintzoen ekimena da bizirik dirauen bakarra, hots, gogo huts egiazale baten jarduera. Landauer nahiko ameslaria eta poeta zen, Rizalen antzera. Bizitza osoa eman zuen langileen eskubideen aldeko borrokan. Gogor kritikatu zuen Lehen Mundu Gerran. Eta parte hartu zuen Alemaniako Lehen Errepublikaren sorreran, zeinak Kaiserren Erresuma eta bertako hogeitabi herrialdetako monarkia txikiren desagertzea ekarri zuen berekin. Azkenik, Bavariako Sobiet edo Langileen Batzorde-Errepublikan Hezkuntza Arduradun gisa aritzeko aukera izan zuen. Zoritxarrez, Bavariako Errepublikak ez zuen iraun hilabete baino... Ondoren, Landauer atxilotu eta Freikorps talde paramilitar ultranazionalistetako kide batzuek jipoitu eta tiroz hil zuten kartzelan 1919an, 49 urte zuelarik. Edonola ere, 1892an —alegia, Rizalen hilketa mingarri eta zitaletik bi urtetara— Espainiak Filipinetako kolonia betiko galdu zuen ezustean, Estatu Batuen kontrako gudan. Testuinguru honetan oso adierazgarriak dira Manilako Badian izandako hondamendi militarraren hurrengo egunetako eztabaidak Espainiako Gorteetan: beren buruari kritika egin beharrean, legebiltzarkide eta ministroak datuak elkarri ezkutatuz eta aitzakiak bilatuz ibili ziren, gertatutakoaren erantzukizun politikoa saihesteko asmoaz. Beste askotan bezalaxe, Manilako porrotak espainiar politikari, militar eta apaiz atzerakoien ohiko lardaskeria utzi zuen agerian. Beste hitzetan, argi eta garbi geratu zen, batetik, Espainako gobernuaren harrokeria eta itsukeria; eta bestetik, gaitasunik eza gauzak aurreikusi eta epe luzean ganoraz antolatzeko, bai eta arazo politikoei gorroto eta odolik gabe irtenbidea bilatzeko. (1) Antonio Cánovas del Castillo (1828-1897), politikari kontserbadore eta historialaria, hainbat hamarkadetan zehar Estatuko postu nagusiak bete zituena. (2) Gaztelerazko argitalpen anitzen artean bat aipatzearren: Rizal, José. Noli me tangere. Novela tagala. Ediciones de Cultura Hispánica. Madril, 1992. Eleberri honek Filipinetako koloniaren egoera berezia erakusten du, non espainiarrek erlijio-ordenen esku utzi zuten lurraldearen kolonizatzea. Erlijio-ordenek klase gidaria osatu zuten, hortaz, Filipenetan eta, kristauak izanagatik ere, bertakoekin bortxaz eta arrazismo hutsez jokatu. (3) Landauer, Gustav. Aufruf zum Sozialismus. Europäische Verlagsanstalt Frankfurt. Frankfurt am Main, 1967. 55. orr. Etsigaitzen haranetan barna Ohikoa da Alpeetako aterpe batek mendizale handi baten izena eramatea. Ez da horren ohikoa, alabaina, aterpe batek bakarrik ez, bik alpinista beraren izena izatea. Dena den, hori ere ulergarria da, azken batez hitz egin nahi dugun alpinista partisano ibili baitzen Bigarren Mundu Gerrako iheslariei laguntzen Italia eta Frantziaren arteko muga-inguruotan. Deigarriagoa da, izan ere, Guglielmo Jervis (1901-1944), “Willy” goitizenez, —zeinengandik aterpe bi horiek izena hartu duten—, hain zuzen, valdestarra izatea. Valdestarren "haran madarikatu" historikoak hiru izan ziren: Val Germanasca, Val Pellice eta Val Chisone, Turin hiritik ez urrun. Bertan kristau sinestunen talde batek bere bizimoduari eutsi zion Erdi Aroaz geroztik. Eta oraindik ere eusten dio. Valdestarrak XII. mendeko Lyongo Txiroak deiturikoen ondorengoak dira; alegia, Pierre Valdès-en jarraitzaileak. (1) Edota, agian, “valdestar” izena antzina-antzinatik disidenteen babeslekua izan ziren bailara (“val”) horiei zor zaie... Ez dago guztiz argi. Nolanahi ere, oraingo valdestarrek protestantismoaren aitzindaritzat jotzen dute beren burua. (2) Guglielmo Jervisek, —43 urteko ingeniaria, Club Alpino Italianoko kide engaiatua eta, esan bezala, valdestarra—, hainbat judu eta esetsi politiko Italiatik gidatu zituen mugako mendi-lepoez beste aldera. SS-koek harrapatu zutenean agiri garrantzitsuak zeramatzan aldean aliatuekin zegoelako harremanetan. Tortura jasan zuen, luze, inor salatu gabe. Vilar Pèlis herriko plazan fusilatu zuten 1944an, Pineirolè herrixkako plazan lehen valdestarra, —emakumezkoa berau—, Inkisizio katolikoak 1312an erre zuen antzera. Jervisek ondoko hau zuen grabatua, orratz batekin, bere eskuko Biblia txikian: Ez negarrik egin nigatik. Ez esan: gaixoa! Ideia batengatik hiltzen naiz. Eliza Katolikoak ia-ia hasieratik gorrotatu zituen valdestarrak. Baita bortizki zigortu ere, valdestarrek elizgizonen ustelkeria eta aberaskeria salatzen zituztelako. Gainera, valdestarrek deia egiten zuten Biblia tokian tokiko hizkuntzetara itzultzeko, norbera gai izan zedin apaizen bitartekaritzarik gabe Biblia irakurtzeko. Ezagun da Pierre Valdèsen ekimenez Bibliaren itzulpen bat egin zela langue d’oc orduko okzitanierara. Zoritxarrez, Eliza Katolikoak Biblia haren ale guzti-guztiak desagerrarazi zituen. (3) Egun, berriz, aipatu "haran madarikatu” haietako herrietan aspaldiko valdestarren historiari buruzko museo ñimiñoak eta eliza txikiak daude. Eta baita ere, nazien eskuetan hil ziren partisanoei eskainitako oroitarri xume ugariak bide bazterretan. Batetik, iraganeko aztarna apal horiek sinesmen irmo zahar baten berri ematen dute; bestetik, XX. mendeko totalitarismoaren kontrako borroka latz batena. Egia esan, lehen begiradaz ez zaio erraz antzematen bien arteko loturari. Hala eta guzti, asko izan ziren Okzitaniako sortaldean faxismoari buru egin ziotenak askatasunaren alde borrokatuz. Areago, Resistenza partigiana deitutakoa bera ere Piemonteko leku menditsuotan sortu zen. Ipar Italian hogeita bat Repubbliche partigiane —Zone libere izenekoak— jaio ziren orduan. Zori hutsez izan ote zen? Halabeharrez, beharbada? Ez. Beharrarekin baino, hemen burujabetza lehenesteko erabaki batekin topo egiten dugu. Valdestarren ibilbide liskartsua testuinguru zabalago batean kokatzen da. Valdestarrak Inkisizioa atzetik zutela bailara hauetara heldu ziren arren, seguraski ez ziren horretan bakarrak izan. Koziotar Alpeotan beste talde anitzek ere aurka egin izan diote Eliza Katoliko eta jauntxo feudalen indarkeriari Historian zehar, hala nola, kataroek, dultzinistek... Bestalde, Briançongo Nekazarien Batasuna eskualde berean ere sortu zen 1343an, bost lurraldek osatutako Errepublika, valdestarren Val Chisone tartean. Bertan, beren eskuko ziren herritar guztiak, ordezkariak aukeratzeko eskubidea izanik. Laurehun bat urte iraun zuen Errepublikak, inoren mendeko izan gabe. Ildo beretik, valdestarrak ohituta zeuden, ez bakarrik —armekin nahiz armarik Gabe— erasoei erantzuten, baizik eta iheska zebiltzanei laguntza ematen ere. Azpiegitura bat zuten horretarako eta ongi jakiten zuten debekuen gainetik beren ekonomia-baliabideak kudeatzen. Beraz, valdestarrek elkartasun-giro eta beren jarrera sendoari esker lortu zuten zazpiehun urtetan zehar aurrera egitea. Nahiz eta zapalkuntzarik gordinena pairatu, valdestarrek ez zuten inoiz etsi. Ihes egin aurretik gai izaten ziren beren etxeetako harlausezko teilatu astunak ziztu bizian desegiteko, helduko ziren soldaduak aterperik gabe uztearren. Behin baino gehiagotan, garai bat atzerrian eman eta gero, talde txikietan, apurka-apurka eta ezkutuan, bortxaz erraustutako beren herrietara itzuli ziren, berriro ezerezetik hasteko. Edonor lazten da valdestarrei egindako sarraskiak ezagutzean. Etsaiak su eta herio sartzen ziren haien herrietara, behin eta berriz. Mendeka itzazu, Jauna, zure saindu sakailatuak/ zeintzuen hezurrak barreiaturik dauden/ Alpeetako mendi hotzetan..., idatzi zuen John Milton poeta eta saiakeragile ingelesak, Savoyako Dukeak eta beronen gudalosteek 1655an gauzatu zuten valdestarren hilkuntza handia eta gero. (4) Hala bizi izan ziren valdestarrak, beti garaian garaiko handikien botere-gosearen mehatxupean, oso bolada laburretan ozta-ozta toleratuak izanik, harik eta 1848an eskubide zibil eta erlijioso guztiak aitortu zitzaizkien arte, Italiako Iraultza eta Konstituzio berriaren testuinguru historikoan. Gaurko bidaiariari zaila egiten zaio irudikatzea begiak betetzeko moduko Piemonteko paraje ederrok hamaika gehiegikeriaren lekuko izan direla. Zalantzarik gabe, Guglielmo Jervis “Willy” eta bere herriko lagunak, arbasoen oroimenarekiko loturan haziko ziren. Horrela ulertzen da zergatik giza nortasunaren ezaugarri batzuk maiz ikusezinak izaten diren, noizbait —gertaerek hala eskatuta— hazien antzera azaleratu eta zabaltzeko. _____________________________________________________________________________ (1) Pierre Valdés edo Vaudèsek (1140-1217) bere ondasunen emaitza egin zuen erlijio-krisi bat izan eta gero. Ondoren, Lyon aldean Ebanjelioa predikatzeari ekin zion. 1184an eskumikatu zuen Eliza Katolikoak. (2) Eliza Valdestarra Munduko Eliza Erreformatuen Erkidegokoa da 2010ez geroztik. (3) Pierre Valdések Bibliaren itzulpen bat herri-hizkuntzara finantzatu zuen. Zentzu horretan ere izan zen Erreformaren aitzindari. (4) Milton, John: On the Late Massacre in Piedmont: Avenge, O Lord, thy slaughtered saints, whose bones/ Lie scattered on the Alpine mountains cold,... Epaileen epaitzea Berlingo harresia 1989an erori ondoren Ekialdeko Alemaniaren apurka-apurka desegiten hasi zenean, alferrik galdu zen abagune bat epaileak epaitzeko. Izan ere, Errepublika Demokratiko ohiko biztanlegoa kezkaturik agertu zen orduan, ikustean nola epaileek, behin Mendebaldeko Alemaniarekin 1990an batu eta gero, beren lanpostuei eutsi ahal izan zieten Alemaniako Errepublika Federalean ere, inongo oztoporik gabe. Baina Ekialdeko Alemaniako garaietan epaile horietako hainbatek bidegabe kondenatu zituen herritar asko, hain zuzen, arrazoi politikoengatik. Egia da Ekialdeko Alemania izandako herrialdean epaiketa batzuk egin zirela iragan hurbileko delitu nabarmenenak ikertzeko. Gehienak, alabaina, iheslariei tiro egin zieten Berlingo harresiko militarren aurkakoak izan ziren. Bada, Republikflucht zelakoa, —hots, Errepublikatik ihes egitea— heriotzaz ordain zitekeen lege-hauste latza zen Alemania komunistan. Eta harresia zaintzen zuten soldatuei armak erabiltzeko agindua ematen zitzaien. Hala, sarritan Mendebaldeko Alemaniara alde egiten saiatzen zirenak hil zituzten bertan. Harrigarria den arren, aipatu epaiketa horietan legearen ezagutza sakonagoa eskatu zitzaien mugako zaintzaileei, —bai eta zuzena dena eta ez denaren artean bereizteko sena—, herritarrei espetxe-zigor luzeak ezarri zizkioten epaile, fiskal buru eta legegileei baino. Epaileak, fiskalak, Estatuko abokatuak eta legelariak, oro har, beti izan dira auzitara eramaten zailak. Era berean, elite bat osatu ohi dute, zeinak aginpide politikoarekiko atxikimendu irmoa erakutsi duen, nonahi eta noiznahi. Nahiz eta gizarteari besterik sinestarazi nahi zaion, epaileak ez dira beregainak izaten. Historia aztertuz gero, bestelako datuekin egiten da topo, salbuespenak salbuespen. Ez dago, hortaz, esaterik epaileek, eskuarki, alderdikeriarik gabe jarduteko gaitasun berezirik dutenik, ez berezkoa, ez ikasia. Epai politiko zuzengabeak emateko prest egoten dira eta politikariei legeak ad hoc egiten laguntzen diete. Aski da ikustea nola iragaiten diren herrialdeak Polizia Estatu bat izatetik Zuzenbide Estatu bat izatera, betiere Juztizia arloko gehienek beren karguei uko egin beharrik izan gabe. Edonola ere, are kezkagarriagoa izan zen Bigarren Mundu Gerra ostean Mendebaldeko Alemanian jazotakoa. Hitlerren garaian legelarien gehiengoa nazien alderdikidea izan bazen ere, 1945 eta gero epaiketa bakarra egin zen han, hamasei legelari nazi salatzeko. (1) Handik gutxira, aipatu hamaseiak “herriaren izenean” epaiak emateko moduan egon ziren berriz ere, beren buruaren alde hamaika sasi argudio erabilita. Beraz, nazismoak gerra galdu zuen, baina Mendebaldeko Alemanian ezer gutxi aldatu zen Zuzentzaren alorrean, hau batik bat Estatu Batuei esker. Ildo beretik, Mendebaldeko Alemanian aro berri baten oinarria izan behar zuenak sustrai ustel susmagarriak izan zituen hasieratik. Hain neurri handian, non laster, Gerra Hotza zela-eta, naziak izandako epaile haiek berebiziko aukera izan zuten komunistei eraso egiteko beren herrialdean. Oraingoan, 125.000 epai-instrukzio bideratu eta 7000 zigor ezarri ziren. Alderdi komunista bera ere debekatu zuten 1956an. Ondoren, hiru hamarkada igaro ziren, harik eta Ingo Müller legelari egiazaleak 1987ko Epaile lazgarrienak izeneko liburu arrakastatsuan epaile naziekiko jokabide gaitzesgarri hura ezagutzera eman zuen arte. (2) Esan bezala, epaile naziek ez zuten zigorrik jaso, eta ez zuten beren kargua utzi beharrik izan. Funtzionarioen pentsiorik ez zitzaien ukatu. Eta ez zen egon ez gaitasungabetzerik lanerako, ez eta ospearen galtzerik. Ekialdeko Alemanian, ordea, beste era batera ekin zitzaion epaile nazien arazoari, sobietarren eraginpean. Batetik, legelari gehiago epaitu zituzten: 149, guztira. Bestetik, borrokalari antifaxistak izendatu zituzten epaile. Hau da, jende "arrunta" aukeratu zen epaileak epaitzeko; “arruntak” bakar-bakarrik ezikasiak edo legetan adituak ez zirelako. Baina “ezohikoak" edo "bereziak" nazien kontra egiteko gauza izan zirelako, ausartasun eta duintasunez. Epaile berri horien jarduna ahalbidetzeko, prestakuntza-ikastaro trinkoak antolatu ziren epe laburrean. Hala, epailetza beraien esku egon zen. handik aurrera. Kontua ez zen erraza izan. Halere, ekimenak Zuzenbidearen arloan egitura berri baten eratzea bermatu zuen, hutsetik abiatuta. 1989ko bloke komunistaren erorketak, behinik behin, eztabaida bizi bat piztu zuen Alemania osoan, ondoko galderen harira: Zilegi ote da diktadura-aldian zuzentasuna bilatzen ez duten legeak aintzat hartzea? Alegia, zeren izenean behar dira bete, eta betearazi, Zuzenbidearen muina den berdintasuna deuseztatzeko asmoarekin egin diren legeak? Eta zeintzuk dira epaileak epaitzeko irizpideak...? Orain, legelarien belaunaldi berri batek Gustav Radbruch (1879-1949) —behinola naziek irakaskuntzatik bazterreratu zutena— Zuzenbide katedradunaren idazlanetara jo zuen erantzun bila. (3) Radbruchen iritziz, beti egon daiteke legeak “zuzenbide bidegabe” bihurtzeko arriskurik. Horrexegatik, epaileek, —inoiz legeen eta zuzentasunaren artean halako kontraesan neurrigabea edo gatazka larri bat sortuz gero—, zuzentasuna lehenetsi behar dute, berau garaian garaiko zuzenbide positiboaren gainetik kokatuz. Hortxe dago koska. Halako egoeratan nork bere kabuz erabaki behar du zer den zuzena eta zer ez. Ez da onargarria Adolf Eichmannek bezala egitea, zeinak legea bete baino ez zuela egin argudiatu baitzuen bere buruaren alde. (4) Radbruchen tesi garrantzitsu horri Radbruchen formula izena eman zaio. Hala eta guzti, batzuk beren buruari “legearen zerbitzariak” deitzen diote, “legearen inperioaz” hitz egiten dutelarik. Antza, ez dira jabetu helburua ez dela legea bera, zuzentasuna baizik. Zentzu horretan, kontua ez da legeari itsu-itsuan eustea, legea ez delako bere baitako xedea, baizik eta zuzentasunera daraman bidea. Euskal hizkuntzak argi adierazten du hori, “bidezko”, “zuzenbide”, “bidegabe” edo “eskubide” hitzen bitartez. Azkenik, zerbait aldatu zen Alemania batu eta gero, zuzenbidearen ulermenari eta legearen betetzeari dagokienez. Zoritxarrez, aldaketa hori epaile naziak epaitzeko berandu heldu zen. ___________________________________________________________ (1) 1947ko Nürnberger Juristenprozess deituriko epaiketa hartan, Justizia nazian aritutako hamasei legelari epaitu zituen Estatu Batuetako Epaitegi militar batek. Epaileak barkaberak izan ziren epaituekin; eta epaiak, txepelak. (2) Müller, Ingo: Furchtbare Juristen. Die unbewältigte Vergangenheit unserer Justiz (Epaile lazgarriak. Gure Zuzentzak gainditu ez duen iragana). Kindler Argitaletxea. Munich, 1987. Gazteleraz: Los juristas del horror. Álvaro-Nora Argitaletxea. C.A. Librería. Bogota, 2009. (3) Radbruchi zor zaio, besteak beste, emakumezkoak epailetzara sartzen uzteko lege-zirriborroa. (4) Arendt, Hannah: Eichmann in Jerusalem (1963). Etxea ere atze lur Gazteleraz argitaraturiko Elisabeth Freundlich (1906-2001) idazle austriarraren lehen liburuak erbeste politikoa du testuinguru edo atze-oihal. (1) “Atze-oihal” hitza harira dator, ondo etorri ere, “atze” hitzak herrialde arrotza har dezakeelako barne. Izan ere, "atzerria" atzean dagoen herria da, bai eta etxekoak edo senide ez direnena ere. Erbesteratuen egoeraren adierazpen ona. En lugar de una salva de honor (Agur eta ohore gisa) Freundlichen aipatu kontakizunaren gai nagusia, nazismoaren aroan Eki- eta Erdialdeko Europatik Frantziara atzerriratu ziren Erresistentziako kide batzuei gertatutakoa da. Idazleak berak ere alde egin behar izan zuen 1938an, naziengandik iheska. Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan, berriz, Freundlichek urte haietako istorioak berreskuratu eta argitara ematea erabaki zuen, berak ezagututako gizakume anonimoen hamaika bizipen latz eremu elkor hutsetan gal ez zitezen. Freundlichek esanahiaz hornitu nahi izan zituen istorio haiek, protagonistek beren izena eta izana berreskuratu zitzaten hitzen bidez. XX. mendean Historia bat bakarra eta norabideduna bailitz letra larriz irudikatzeko itxaropena galdu eta, geroztik, istorioak letra xehez idazteko joera zabaldu zen. (2) Halako istorioak errealitate zatikatu eta zauritu baten ispilu dira. Bertan jende arrunta izaten da duintasun eta erantzukizun unibertsalak bere gain hartzen dituena, gizadiaren bidaia ez dadin izan noraezekoa. Zama itzela. Edonola ere, Freundlichen idazkerak ez du hedabideetan ezagutzera ematen diren —istorio baino— pasadizo bitxiz beteriko kroniken antzik. Freundlichen helburua ez da zirrara azkarrak bezain iheskorrak eragitea, berrien gosea ase ondoren nor bere lehengo egoerara itzuli ahal izateko. Aitzitik, haren istorioak ezaguera nahiz kontzientzia jorratzeko eta garatzeko aukera dira irakurtzen dituenarentzat. Halaber, egileari berari ere laguntzen diote, iragana aztertu eta oroimena landu ahala, zer gertatu zen hobeto ulertzen. Hari horretara, Freundlichen aipatu kontakizunak irakurketa anitz dakar berekin. Bertan ikusten da, besteak beste, garai hartako langileria ikasigabea nola ari zen bilatzen jakintzarako sarbidea, Peter Weissen Erresistentziaren Estetika idazlanaren zentzuan (3); edo nola bizi ziren faxismoaren kontrako borrokalariak, ihesaldi amaigabeari emanak, sarerik gabeko funanbulisten modura, bide-zorro bat beti aldean. Ezkerraren asmo askatzaileak agertzen dira ere, barneko aginte-egitura eta alderdikeriaren arriskuekin batera. Horiek guztiak, azkenik, emakumezko paria batek gorpuzten ditu, hots, tradizioz dagozkion betekizunei uko egin dien Deborah gazteak. Hain zuzen, Deborahren patu iluna da narrazioaren ardatza. Patu hori ezin da banatu egia honetatik: beregain bizitzen ahalegintzen diren emakumeek, gizonekin lehiatu behar dira, berauek haurtzaroan heziketaren bidez jasotako baliabideak eskura izan gabe. Hau da, Deborah bezalako emakumeek, herrenka hasi ohi dute lasterketa. Zoritxarrez, haietako batzuei lehia gehiegizkoa suertatzen zaie. Horrexegatik, Deborahren jokabide korapilatsua ez zaio soilik zor Erresistentziako beste lagunekin partekatzen duen egoera gogorrari, baizik eta munduan bakar-bakarrik dagoen emakume bat izateari ere. Hala eta guzti, Deborahk epaile zorrotz eta gupidagabe baten antzera jokatzen eta zigorrik handiena —hots, heriotza— ematen dio bere buruari borrokaren legea huts egiten duenean. Badator gurdi beltza/ zaldiaren ibilera bereziaz/ eraman egingo zaituena/ ibiltzeko gai ez bazara..., esan zuen Inge Müller poetak Gurdi beltza izeneko olerkian, Berlinen bonbardaketen ostean hilotzak batzen zituen orgaz hitz egitean. (4) Freundlich, alabaina, Deborah bidelaguna gurdizainaren atzaparretatik libratzen saiatu zen. Omenaldi bat egin zion Literaturaren bidez, nahiz eta Erresistentziako beste taldekideek Deborah betiko ahaztu nahiago zuten arren. Zalantzarik ez, “atzea” iluna da eta atzerrialdia gogorra; “aitzinak”, ostera, argitsua behar luke izan. Harrigarria da zein alde handia dagoen "aitzina" eta "atze"-aren esanahien artean, bi fonemarengatik-edo baino ez bada ere. Hari horretara, Freundlich ahal bezain laster eta gogo handiz itzuli zen Estatu Batuetako deserritik Austria bere sorterrira..., noiz eta austriarrak kanpora joateko irrikatzen zeudenean, gerraondoko arazo ekonomikoak zirela eta. Herrikideek susmagarri iritzi zioten Freundlichen erabaki ezohikoari (gainera, judua! ), eta ez zioten, oro har, harrera onik egin. Ildo beretik, En lugar de una salva de honor testuak kritika hau egiten du ere: garai berrian ongi moldatu eta “birziklatu” direnak gizonak dira gehienbat, berehala ekin diotelako beraien artean postu garrantzitsuenak banatzeari. Bartolome Madariagak esan zuenez, Etxia bera, adiskide bagarik, erbestia dala. (5) Freundlichek emakume nahiko ikustezina izaten jarraitu zuen eta, era berean, oso egoskorra, 2001ean Vienan hil zen arte, larogeitahamalau urte zuelarik. (1) Freundlich, Elizabeth: En lugar de una salva de honor. Besatari. Bilbo, 2017. (2) Ikus, adibidez, Arendt, Hannah: Menschen in finsteren Zeiten (1968). Gazteleraz: Hombres en tiempos de oscuridad. Gedisa Argitaletxea. Bartzelona, 2017; eta Die verborgene Tradition (1978). La tradición oculta. Paidós Ibérica Argitaletxea. Bartzelona, 2004. (3) Weiss, Peter: Die Ästhetik des Widerstandes. (1975) Gazteleraz: La estética de la resistencia. Editorial Hiru. Hondarribia, 1999. (4) Müller, Inge: Der schwarze Wagen (Gurdi beltza). In: Wenn ich schon sterben muss. Gedichte. Aufbau Argitaletxea. Berlin/Weimar, 1985. (5) Bartolomé Madariaga (1768-1835), bizkaitar idazlea beste exilioei buruz... Azqueneco bosteen icasiquizunac. Iruñea, 1817. 209 orr. Errepideko umeak Suitzan “errepideko umeak” deitzen zieten, —hau da, Kinder der Landstrasse, alemanez—, bidean sortuak zirelako, erreka ondoan edo zaldi-orga estaliren batean. Jaio nintzen uda gau batez/ oihalezko estalpe batean/ hiri bazterreko ijitoen etzalekuan.../ Ezagutzen dut basoa/ ezagutzen dut bidea/ ezagutzen dut askatasuna, dio Olimpio “Mauso” Cari margolari eta poetak, Austria aldeko ijitoa berau, alegia, sinto estrakaria, jatorriz. (1) Buhameen zalgurdiak zur polikromatuzkoak izaten ziren, oso-osorik, edota olana bat izaten zuten estalgarri; baina beti ñabarrak, koloretsuak, barruan tapizekin ederki apainduak. Ispilu barrokoa kriseilu txiki bat ez zen inoiz falta. Eta oheaz gain, burdinezko txapa bat, nola ez, jana prestatzeko balio zuena eta berogailu gisa. Jakina, ijitoen orga ikusgarri haiek erabat bereizten ziren antzinako artzainen gurdi soil estoikoetatik. Horrela azaltzen digu behintzat oraingo publizitateak. Bada, motxaileen bizileku higikorrak, hirurogeiko hamarkadako kontrakulturan ezezik, gure garaian ere dira oso estimatuak. Bat erosi nahi izanez gero, eskaintza handia dago merkatuan. Vivre autrement (Beste era batera bizi) da, esaterako, frantsesezko iragarkietan irakur daitekeen lelo erakargarria: alderraien bizitokia izandako gurdi birziklatu —egungo higiene araupidera ekarritako horietan— “egiazko buhameen antzera" egin daitezke otorduak, gustura egin ere, pertz bat suaren gainean erabiliz barruan, nahiz gurdiaren portxean goxo-goxo jarrita. Badirudi porlanezko erroak ditugunak buhameen bekaiztu garela, behin oinetxea galduz gero. Baina gatozen harira: Kinder der Landstrasse (Errepideko Umeak) Suitzako karitatezko egintza edo ekimen arrazista deitoragarri baten izena ere izan zen; hots, Pro Juventute fundazioak Estatuarekin lankidetzan 1926tik aurrera gauzatutako egitasmo bat. Helburua, hain zuzen, jende ibiltaria, nola edo hala, sedentario bilakatzea zen. Ezagun denez, halako ekinaldi “epikoak” haurtzaroan bertan hasten dira gaitza errotik baztertu ahal izateko. Beraz, aipatu Pro Juventute fundazioak etxe finkorik gabeko aita-amei bortxaz eta gupidarik gabe kendu zizkien haurrak, —jaioberriak barne—, umezurztegian edo “familia normaletan” haziarazteko gero, ume haien gurasoak —ezinbestez mozkortiak, gaizkileak eta eskizofrenikoak zirelakoan. Horrelaxe eman nahi izan zitzaion Suitzan amaiera, behin betikoz, piltzar-biltzaile, arlote, eskale, motxaile eta ibildaun ororen “arazoari”. 600 bat umeren bahitze hura gertatu zen, ez bakarrik Estatuaren baimenarekin, baizik eta inork ikuskatu gabe Pro Juventute erakunde “paraestatalak” haurren gurasoei buruzko txostenetan idatzitakoa egia ote zen ala ez. Areago, haurrak lanerako ere eman ziren hainbatetan, neskame edo morroi aritu zitezen baserrietan nahiz hirietako etxeetan, legearen inongo babesik eta kontrolik gabe. Ildo beretik, seme-alabei izena aldatu eta etxekoak hilda zeudela esaten zitzaien, beraien jatorria izkutatzearren. Gehienek ez zuten aurrerantzean aukerarik izan beren senideak berriz ikusteko. Bitxia badirudi ere, Kafkaren 1903ko narrazio laburtxo batek Pro Juventute ekimenaren antzeko izena dauka: Kinder auf der Landstrasse (Haurrak errepidean). (3) Kafkaren istorioaren gai nagusia, alabaina, herrixka arrunt bateko mutiko batzuen jolas, kanta eta ibilera alaiak dira. Irakurri ahala, ordea, laster sumatzen dugu ume narratzaileari lagun taldea nolabait “arrotz” zaiola... Azkenik, gaua heltzen delarik, jolaskideak etxeratu egiten dira. Ume narratzaileak, ostera, baso aldera jo eta urruti dagoen hiri misteriotsu baterako bidea hartzen du bere kabuz. Han sekula lo egiten ez duten zoroak bizi omen dira. Haurraren begietan, beraz, bestelako izaera baten adierazgarri dira hiriko biztanleak. Kafkaren testuak ongi erakusten du zer den txikitatik besteongandik urrun eta bakarrik sentitzea, nahiz eta jendeaz inguraturik bizi. Halere, Kafkaren istorio labur honetan agertzen den bakardade mota ez da guztiz mingarria, narrazioak ametsetako kutsua baitu. Askoz ere gogorragoa egiten da, aldiz, Pro Juventutek bere ardurapean hartu zituen haurren oinazea eta patua irudikatzea. Haur horiek outsider iritziko zioten beren buruari bizitza osoan, zergatik zuten sentimendu hori jakiteko gai izan gabe. Bestalde, zer esan suitzar biztanlegoaren urte haietako jokabideaz? Bitartean aztertu eta argitaratu diren artxiboetan ikusi denez, suitzarren gehiengoak bat egin zuen fundazioaren jarrera xenofoboarekin, banakako hiritar batzuk, —Pro Juventuteko gezurrek tronpatuta—, bihotzez eta uste onez laguntzeko asmoa izan zuten arren. Horren guztiaren gainean hausnar egitean, Kafkaren Kinder auf der Landstrasse istorioaren hitzok datozkigu gogora: Gure ahotsa besteen ahotsekin nahasten dugunean, amu batek harrapatu gaituela ematen du. Ez da batere erraza nork bere irizpideei eustea, garaian garaiko eta tokian tokiko gizarte-egia borobiletatik kanpo. Zorionez, Pro Juventutek bere jarduna eten egin behar izan zuen 1973an, hedabideetan azaldutako salaketa mordoa zela eta. Bahitutako ume horietariko batzuk, berriz, Naschet-Jenische (Jaiki jenischtarrok!) izeneko elkartea sortu zuten helduaroan, gertatutakoa ezagutzera eman eta “jenisch” jende ibiltariaren oroimenari eustea xede. (3) Hazi egin naiz bitartean/ Gure estalpea suntsitu zuten, geldirik dago gure gurdia./ Baina ni oraindik nabil askatasun bila/ basoa astintzen duen haizea bezala/ itsasoa irrikaz bilatzen ari den ura bezala/ ijitoen biolin baten doinuaren antzera... Horrela bukatzen da Olimpio Cariren poesia. (4) (1) Cari, Olimpio “Mauso”: Unterwegs. Spuren einer Zigeunerkindheit. (Bidean. Ijito baten haurtzaroko aztarnak). Ibera Argitaletxea. Viena, 2007. Im Zelt bin ich geboren/ in einer Sommernacht... 23 orr. (2) Kafka, Franz: Kinder auf der Landstrasse. 1903an idatzia. Gazteleraz: Niños en un camino de campo. Frantsesez: Enfants sur la grand route. (3) Yenichetarrak (Jenische, alemanez) jatorri ezezaguneko jende ibiltaria edo erdi-ibiltaria da, oro har. (4) Cari, Olimpio “Mauso”: Unterwegs..., op.cit. 23. orr. Eliso ezlekuan dantzari Eliso du izena Georgian egindako lehen film luzeetako batek. Film mutua, ederra, ikusgarria eta zinez hunkigarria. Nikoloz Shengelaiak zuzendu zuen 1928an, Aleksandre Qasbegi XIX. mendeko idazle georgiar abertzalearen idazlan batean oinarriturik. Alexander Qasbegi zazpi urtez ibili zen artzain Kaukasoko mendietan. Horri esker, hamaika herrik osatutako kaukasiar mundu korapilatsua sakon ezagutzeko aukera izan zuen Qasbegik. Bertan jaso zuen herriarengandik Elisori buruzko istorioa. Egiazko gertaerekin zerikusirik zuen arren, nahiko aldatuta zegoen ordurako eta baliteke zenbait pasadizoren nahasmena izatea ere. (1) Edonola ere, Elisoren istorio herrikoiaren ardatza ez da, pentsa litekeen bezala, Georgia eta beronen borroka burujabetzaren alde, baizik eta txetxeniar herrixka bateko bizilagunen zorigaiztoko patua, XIX. mendeko kaukasiar herritarren deportazioen testuinguruan. Nikoloz Shengelaiaken Eliso filma Stalinek izu latzeko agintekeria ezarri baino lehenago egina da, hain zuzen, Errusiako tsar zaharrek bultzatu zuten herrien bortxazko erbesteratzeak salatzeko asmoaz. Filmak ongi erakusten du herri txikien arazoa behin eta berriro errepikatzen dela Historian. Izan ere, inperio handiek indarkeriaz jokatzen dute herri txikien kontra, berauek bizirik irauten ahalegintzen diren bitartean. Stalinek berak ere herrien deportatzeari ekin zion geroago Kaukaso aldean. Bada, Alejandro II. tsarrak txetxeniarrei agindua eman zien 1864an beraien bizilekuak utzi eta kosako kolonoei tokia egiteko. Filmaren protagonista den Eliso herrixka bateko neska txetxeniar gaztea eta ausarta da. Batetik, gertuko herri georgiar batekoa den Vazhia mutilarekin dago maitemindua; bestetik, tsarraren mehatxupean bizi den bere herriaren aldeko borrokalari engaiatua da ere. Tirabira horrek erdibiturik bizi da Eliso. Erabaki behar du zer egin: bere herriarekin geratu edo maitearekin joan. Gainera, aitak zahartzaroan zaintzeko arrenka eskatu dio eta bakarrik ez uzteko. Vazhia georgiarrak, aldiz, bat egiten du txetxeniarren borrokarekin, zeintzuk ez duten, inola ere, beren herria utzi nahi. Vazhiak argi utziko du bizia jokoan ipintzeko ere prest dagoela. Halere, bada txetxeniarren artean Vazhia susmagarritzat jotzen duenik georgiarra delako. Zalantzarik ez, Inperioa bazterrak nahasten ari da herrien artean liskar berriak piztuz, nahiz eta herri horiek antzinatik beraien arteko gatazkak konpontzen jakin duten, kanpoko esku sartzerik gabe. Azkenik, iskanbila luzeen ostean, beren jaioterria betiko utzi beharko dute txetxeniarrek eta deportazioa ezinbestez onartu. Elisok, berriz, zereginik ez dagoela ikusten duenean, sua emango dio herriari, iristekotan dauden kosakoak esku hutsik gera daitezen. Abian dira, orain, deportatuak, lurralde gorri ezezagunetarako bidean, soldaduek zaldiz zorrozki zaindutako gurdi-ilara luze batean, tsar errusiarrak agindu bezala. Umeak negarrez doaz, helduak abaildurik, adinekoak guztiz itxura deitoragarriaz. Kolpe batez den-dena kendu diete txetxeniarrei: bizitokia nahiz arbasoen hiltokia, inguruari lotutako ikaspenak eta oroimenak, hainbat nekeren ondorioz mendetan zehar lortutako guztia... Une batez ezerezaren erdian egin dute geldialdi bat emakume bat bere gurdian hil zorian dagoelako. Atsekabeak ez ditu aurrera egiten uzten. Hondoa jo dute. Baina hara non entzuten den doinu bat: agure batek musikariei jotzeko eskatu die ustekabean eta dantza alai bat hasi du. Herrikideak txundituta daude. Erotu ote da gizona? Laster, ordea, beste norbait hasi da dantzan eta, astiro-astiro, lagun gehiago bildu da dantzara. Hala, dantzan egin eta kemena berreskuratu ondoren, txetxeniarrak bideari lotuko zaie berriro. Elisori zirt edo zart egiteko ordua heldu zaio. Vazhiagandik banandu eta bere herriarekin jarraituko du, Vazhia georgiarra bere sorleku aldera oinez urruntzen den bitartean. (2) Eliso filmak zirrara eragiten duten eszena asko baditu ere, dantzarena gogoangarriena da: ezorduko —eta ezlekuko—dantza hori gauza da-eta hitzaldi kartsu batek lortuko ez lukeena egiteko, alegia, deserriratuei bizipoza ekartzea. Gizarteak betidanik antolatu ohi ditu dantzak jarduera jakin batzuen karira, dela berri pozgarriak ospatzeko, dela hiletak egiteko, dela erritmoak lagunduta lana elkarrekin aurrera eramateko edota herriko mutil eta nesken helduaroa aditzera emateko. Dantza, izatez, taldean eginiko arte-lana da, sentipenen bideratze eta adierazpide estetiko bat. Hala eta guzti, Eliso filmaren egileak dantzaren beste alderdi bat erakusten du: dantzaren jardunak ahalmena duela bai sentimenduak kanporatzeko, bai eta eraldatzeko ere, biak ala biak. Eliso filmean dantzari -ez besteri— zor zaio, txetxeniarrak bizitzen ari diren amaiera trajikoa abiapuntu itxaropentsu bilakatzea. Gaur aisialdia kudeatzen duen industria dantzaren balioaz jabetu da ere; ikuskizun eta denbora-pasa gisa sustatzeaz batera, ordaindu beharreko psikoterapia light moduan eskaintzen du, hiritar atomizatuak dantza-ikastaroen bidez "gizarteratzea" xede. Bien bitartean, plazan egiten zen doako dantza gainbehera doa, zoritxarrez... Horrezaz gain, dantzaren kontuak kutsu zientifikoa bereganatu du berriki: neurologoek dantzak burmuinean duen eragin onuragarria ikertu eta beren hizkeraz berretsi dute lehendik ezaguna zena. Hainbat filosofok ere izan dute dantza hizpide edota eredu. Nietzschek Gizatiarra, gizatiarregia liburuan esan zuenez: Goi kulturak dantza ausart baten antza izango du eta, esan bezala, indarra eta malgutasuna izango dira beharrezkoak. (3) Bestalde, Jaques Derrida filosofoak ere dantza baliatu zuen 1982ko elkarrizketa batean, Emma Goldman feminista eta anarkistaren dantzazaletasunaren harira, iraultzaz eta feminismoaz hitz egiteko: Iraultzari dantza aitortu behar zaio, hots, dantzaren garaia... Hortxe darrai bizirik aurreikusi ezin daitezkeen koreografia anitzak asmatzeko gogoak. (4) Zalantzarik ez, dantza giza jokabidean pentsamenduaren sustraietan dago eta indarrak pizteko gaitasuna du. Agian, dantza-jauziak eramango gaituzte egunen batean aro zoriontsuagoetara, dogma eta bestelako behaztopa-harrien gainetik. (1) Kasbegi, Aleksandre: Eliso. Shake Argitaletxea. Akisgran, 2014. (2) Honek gogora dakar Michael Cacoyannisen Zorba greziarra (1964) filmaren azken eszena, non bi protagonistek sirtaki bat dantzatzen duten. Bakar-bakarrik Sirtaki horri esker bereganatuko dute biek izandako abentura eta bizipenek beren esanahia. (3) Nietzsche, Friedrich: Menschliches, Allzumenschliches (1878). 278 zenbakia. (4) Derrida, Jaques: Choreographies. Christie V. McDonalden elkarrizketa (1982). Kobzari musikari zapalduak XX. mendeko hogeita hamarreko hamarkadan Stalinek deialdia egin omen zien Ukraniako kobzari izeneko musikari ospetsuenei, etnografiari buruzko batzar batera joan zitezen. Musikariak Ukraniako eskualde guztietatik Charkiwera —une hartan, Ukraniako hiriburua— heldu ziren. Baina Stalinek, antza, denak hilarazi zituen, besterik gabe. Dmitri Shostakovich errusiar musikagileak horren berri ematen du Aitormena bere oroimen-liburuan. (1) Orain arte ez da hilketa horien frogatzerik izan. Bada, handik gutxira Kiev aukeratu zuten Ukraniako hiriburu; eta administrazioaren toki-aldaketa zela medio, hamaika artxibo eta datu galdu (edo galarazi) zen bidean. Edonola ere, ezagun da urte haietan kobzari asko desagertu zirela, edota Siberiara eraman zituztela. Horretaz ez dago zalantzarik. Ukraniarrek antzinatik hartu izan dituzte aintzat beren koplari ibiltariak. Kobzari horiek itsuak eta elbarriak izaten ziren, tradizioz. Kopla zaharrak abestu bitartean, kobza delako musika-tresna hariduna jotzen zuten. Hortik datorkie kobzari izena. Kobzarien historia Ukraniako bizilagunena bezain gorabeheratsua da. Lehen aipamen idatzia Erdi Arokoa bada ere, kobzariek aitzindariak izango zituzten. Loraldia, ordea, Hetmanato deituriko kosakoen estatuaren aroarekin batera etorri zen, ukraniar burujabetasunaren eskutik; hau da, 1648 eta 1782 artean. (2) Eta gainbehera, Errusiako Alejandro II. tsarrak euren jarduera debekatu zuenean, musikariei ”ukrainofilia” leporatuta. Tsarrak kobzariek mendetan zehar sortutako anaidi, elkarte, ikastegi, orkesta eta musikari taldeak desegin zituen orduan, kobzariek ukraniar izaera edo nortasuna gorpuzten zutelakoan; hots, deuseztatu beharreko zerbait, Inperioaren ikuspegitik. Handik aurrera, bardo ukraniar haiek kaleko eskale gaitzesgarrien pareko bilakatu ziren. Ukraniako poeta nagusia den Taras Schewtschenkok, berriz, Kobzar izeneko bere olerki-liburua eskaini zien herri-musikari haiei 1840an. Schewtschenkok ongi zekien zer den jaiotzetik zorigaitza jasan behar izatea. Itsu ez, baina esklabo sortu zen Schewtschenko, eta 24 urte bete arte ez zuen bere askatasuna erosterik izan. Gainera, tsarrak gogor esetsi zuen, kobzariekin egin zuen antzera. Schewtschenko baztertua, espetxeratua eta zentsuratua izan zen, bai eta zorrozki kritikatua ere ukraniera “dialekto” erdeinagarria erabiltzeagatik. Horrelakoa zen garai hartako bizimodua Ukranian. Halere, XX. mendearen hasieran kobzarien berpizkunde labur bat egon zen ukraniarren abertzaletasunak gora egin ahala. Herritarrek kobzariei deitu ohi zieten mota guztietako ospakizun eta ekitaldietan jo eta abes zezaten. Urte arrakastatsu haietan, kobzarien kantetako gaiak historikoak eta epikoak izaten ziren, turkiar, tartar, poloniar eta errusiarren kontrako borroka eta ukraniarren askatasun-egarriari buruzkoak. Kobzarien abestiek duma izena zuten. Hala, beraien oroimenari esker, bere kultura-altxorrari eustea lortu zuen ukraniar herriak. Izan ere, musikaren ahalmena berebizikoa da. Schopenhauer filosofo alemaniarraren iritziz, musika zuzen-zuzen mintzatzen zaio entzuleari munduaren muinaz; hots, kontzeptuen beharrik izan gabe. Hil ondoren argitaratutako haren idazlanean irakur daitekeenez: Beste arte guztiak ez dira musika gai den bezala gizakiengan eragin zuzen eta sakona izateko; beste arteek ezin dute, musikak egiten duen legez, munduaren zerizanaren ezagutza sakon eta bitarterik gabea ahalbidetu. (3) Schopenhauerrek musika arterik ahaltsuena eta gorena dela aldarrikatu zuen Mundua nahimen eta errepresentazio gisa 1819ko bere idazlanean ere, haren iritziz, munduaren nahimenaren irudia delako, ez bakarrik ideiena. Hortaz, musikak ez du sekula fenomenoa aditzera ematen, baizik eta beronen mamia, fenomenoaren erroa, alegia, nahimena bera. Eta mundu fisikoaren ezaugarri metafisikoa osatzen du, fenomenoaren bere baitako gauza. Hari horretara, Leo Tolstoi idazle errusiarra, musikaren beldur zen, nahiz eta oso gogoko izan. Tolstoiren esanetan, musika arriskutsua da norberaren barne-mundua erabat nahas dezakeelako sentimenduekin jolastuz: Musikak behartu egiten nau nire buruaz eta nire egiazko egoeraz ahazten... Musikaren eraginpean iruditzen zait ulertzen ez dudan hori ulertu dudala eta ezin dudan hori ahal dudala, idatzi zuen Tolstoik. (4) Agian, aho biko ezpata da musika. Areago, herriaren eskuetan dagoen lehergai bat ere izan daiteke, batez ere doinu hutsari hitz poetikoak eransten zaizkionean, kobzariek egiten zuten moduan. Beraz, ez da batere harritzekoa Stalinek —Agitprop ofizial onena baino emankorragoak ziren— kobzari jakintsuak bortxaz desagerrarazi nahi izatea. Zer gertatu zitzaion gero kobzari haien musikari Sobiet Batasunean? Burokratek generoaren kopia bat eratu zuten ordezko gisa, kobzarien berezko indarra antzutu eta urardotzeko asmoarekin. Helburua sobietar sistema politikoaren eta estalinismoa goraipatzea zen. Kobzarien testuak egokitu ziren orain, aireak estilizatu, ikasketak arautu Estatuko ikastegietan, bai eta kobza tresna diatonikoa kromatiko bihurtu ere. Honek tresnaren eta musikaren estandarizatzeari lagundu zion. Beste toki askotan ere gertatu denez, egun Ukraniako gazteenak hondakinen artean bilatu beharrean daude beraiek nor diren argitzeko. Eta beren jatorria ezagutzeari ekin diote. Kobzari zaharrak gogoan, musika sortzen jarraitu nahi lukete beren aurrekoek jorratu zituzten bideetan barrena. (1) Shostakovich, Dmitri: (Gazteleraz) Testimonio. Aguilar Argitaletxea, Bartzelona, 1991. Liburuak hainbat eztabaida sortu du. (2) Hetmanato: kosakoen estatua, 1649tik 1775era gaurko Ukraniako erdigunea eta ipar-mendebaldea hartzen zituena barne. (3) Arthur Schopenhauers handschriftlicher Nachlass. (Arthur Schopenhauerren hil ondoko eskuizkribua). Argitaratzailea: Julius Frauenstädt. Leipzig, 1864. 373 orr. (Egilearen itzulpena) (4) Tolstoi, Leo: (Gazteleraz) La sonata a Kreutzer (1891). (Kreutzer sonata). Bruguera Argitaletxea. Bartzelona, 1967. 139 orr. (Egilearen itzulpena) Muraschg herriko arima herratuak Richard Wagner musikari eta idazleak Suitzara ihes egin behar izan zuen 1849an Errepublikaren alde egin zuelako, Sajoniako Erregearen aurka. Suitzako erbeste politikoan zegoela —nerbioek jota, Mein Leben (Nire Bizitza) idazkian aitortzen duenez—, mendian atsedena bilatzea otu zitzaion. (1) Wagner oso ibili zalea zen: Beethoven ezagutzearren oinez egin zuen bostehun kilometro baino gehiago, Leipzig bere sorterritik Vienaraino. Wagnerrek Via Sbrinz izeneko bidea egitea deliberatu zuen, alegia, erromatarren aurretik ezaguna eta erabilia zen Alpe Lepontinoetako igarobide bat. Baina abiatu berrian, bihozkada bat izan zuen: behi talde handiak ikusi zituen goiko larretatik jaisten, nahiz eta uda izan. Abereak hezurretan zeuden, hil zorian, gaixotasunen batek jota. Wagner hunkituta geratu zen. Halere, aurrera egin zuen. Bestalde, laster ohartu zen mendi-gidari hartutako gizona oso zakarra eta aldrebesa zela. Wagner gidatu eta lagundu beharrean, toki malkartsuenetatik eramaten zuen, nahita. Wagner, gidariaren gaiztakeriaz goganbeharturik, bere kabuz hasi zen erabakitzen nondik jo lehen herrira heldu ziren arte. Izan ere, Wagner ez zebilen oker. Handik gutxira morroi hura atxilotu zuten Grimsel Hospiz benta zaharrari sua emateagatik, bai eta istripuz hildako bi mendizaleren hilketagatik ere. Beraz, lasaitasun bila joan eta neke berriak aurkitu zituen Wagnerrek bidaia hartan. Via Sbrinz ibilbidea ez da nolanahikoa. Aldapa pikoak ditu, Suitzatik gora nahiz Italiarekin muga egiten duen aldetik behera, behin 2479 metro duen Gries mendatea atzean utzi ondoren. Zeharkaldia are zailagoa zen Wagnerren garaian, glaziarraren gainetik joan beharra baitzegoen pitzadurak saihestuz, gaur ez bezala. Gries glaziarrak nabarmen egin du atzera eta, honezkero, bidetik urrun dago, 2000 urtera arte izen bereko lakuarekin bat egiten bazuen ere. Wagnerrek berak idatzi zuenez: Bi ordu iraun zuen (glaziar gaineko) iragaitza hain izan zen arriskutsua, non Grimsel bentako morroia ere larritu zen, behinik behin, bere buruari zegokionaz. Elur erori berriak arrakala guztiak ezabatu zituen eta pasarte arriskutsuei antzematea eragotzi. (2) Inguruko bizilagunak, berriz, halabeharrez ibiltzen ziren aipatu Via Sbrinz zailean, antzina-antzinatik. Esaterako, Säumer edo ogibidez garraiolariak zirenek gazta, gatza eta ardoa eramaten zituzten bailara batetik bestera, zamarien gainean. (3) Bada, hain dira meharrak hango bidezidorrak, non denek ordutegi zehatz-zehatz bat betetzen zuten, huts egin gabe, bide erdian elkarrekin topo ez egiteko. Eta baldintza txarretan ere ezin etsi, salgai preziatuak galdu ezean. Bazter haietan bizia jokoan jartzen zen. 1882tik aurrera, ordea, burdinbideak hartu zuen garraioa bere gain, aipatu lanbide gogorra desagertu zelarik. Wagner, edonola ere, onik iritsi zen helmugara, hots, Pomatteko ur-jauzi eder ikusgarrira. Bertako ostatuan marmota errea eman zioten afaltzeko eta bizia salbatu izana ospatu ahal izan zuen, behintzat. Egun, alabaina, Wagnerren txangoa berreginez gero, berak egunaren amaieran ikusi zuen Muraschg herrixka nahitaez argazkien bitartez ekarri behar dugu irudimenera, urtegi erraldoi batek urperatu zuelako XX. mendeko berrogeiko hamarkadan. Wagnerrek han hartu zuen lasaialdia jendea berriro aurkitzean; guri, ostera, ezinegona sortzen digu lekuak, hain zuzen, urtegiarengatik. Paraje horretan atsekabearen itzala sumatzen da, Muraschg jaioterria ezinbestez hustu behar izan zuten lagunen samina uraren gainean betiko tinkaturik geratu izan balitz bezala. Hari horretara, Wagnerrek hamabost urte zuenean idatzi zuen antzerki-lan bat datorkigu gogora, berau tragikoa bezain neurrigabea: istorioa hasi eta berehala, antzezle nagusietatik berrogei hiltzen dira-eta. (4) Ondorioz, Wagner gazteari pertsonaia gehienak berriro agertokira itzularaztea besterik ez zitzaion bururatu, “arima herratuen” itxurapean izan arren. Egileak berak ematen digu horren berri beste testu autobiografiko batean, ironia handiz oraingoan. Ezin uka: halako arima herratuen nahigabeek erro luzeak egiten dituzte airean. Antza, zorigaiztoko belaunaldi batzuen patua da ikustea eta pairatzea nola suntsitzen den mendeetan zehar eratutako beren bizimodua, bai eta inguruneari lotutako jakintza, lurra, hizkuntza eta kultura. Italiako Edison enpresa hidroelektrikoak, —besteak beste, Muraschgeko urtegia eraiki zuena—, elizatxo bat egin zuen hurbileko muino batean, ordainetan, eta eraikuntza-lanetan hildako langileen omenez. Ezagunak dira elektrifikatzeak, oro har, berekin ekarri dituen kalteak, maiz zenbait enpresen aberastasun-gosea asetzeko. Jakina, naturak ere eragin dezake hondamendia, luiziak, uholdeak edo elur-erauntsiak direla; zer esanik ez, Alpeetan. Halere, galera latz baten bizipen hori mingarriagoa da hurkoek iraganaren deuseztatzeari ekiten diotenean, errukirik izan Gabe eta hausnarketarik egin gabe. (1) Wagner, Richard: Mi vida. Lauro Argitalpenak. Bartzelona, 1944. (2) Ibíd. 390 orr. (Egilearen itzulpena) (3) Saum "zama" da alemanez. Indoeuropar erroa duen hitza, euskaraz ere bai. Ikus Euskal Hiztegi Historiko-Etimologiko. Euskaltzaindia. Bilbo, 2019. (4) Leubald und Adelaide zuen izena antzerki-lanak. (Leubald eta Adelaide). Ibíd. 30 eta 31 orr. Hotentoteen zoria Neguko egun goibelenetan, Siberia aldetik haize zakarra dabilenean eta Berlinen zero azpiko hotz gordina dagoenean, Wedding langile-auzo zaharreko zenbait kaleren izenek xarma berezia bereganatzen dute: Togo-, Ghana-, Kongo-, Sansibar-, Senegal-, Ugandastrasse... Halakoetan iruditzen zaigu Afrikatik datorkigun oihartzun hori gai dela hango beroaren izpi bat guganaino ekartzeko. Une batez, beraz, lasaialdia hartzen dugu, oroitzean eguzkiak egunero sortzen jarraitzen duela, urrutiko beste kontinente batean bada ere. Baina adi! Hotza saihesteko ihesaldi txiki hori ez zaigu zilegi, berehala ohartuko baikara Wedding auzoko kale-izenek argitasunarekin ez, baizik eta alemaniar kolonialismo bortitzarekin dutela zerikusirik. Hainbat eztabaida egon dira XX. mendeko lehen genozidioa zein izan zen argitzea xede. Bada, nazismoak juduena gauzatu aurretik, turkiar inperioa ere armeniarrak lurretik desagerrarazten saiatu zen: 1915 urtea jotzen da, eskuarki, armeniarren genozidioaren hasieratzat. Hala eta guzti, genozidioen lehia kronologiko horretan maiz ahazten da herero eta nama herriei beren lurraldeetan —gaurko Namibian— hamarkada bat lehenago gertatua. Aipatu bi herriek zapalkuntza gupidagabea jasan zuten alemaniarren kolonizatzeari aurre egiteagatik. Areago, kolonizatzaileen helburua nama eta hereroen populazio osoa deuseztatzea izan zen. Behinik behin, agindu hori eman zitzaien Alemaniatik Hego-mendebaldeko Afrikara bidalitako militarrei. Ondorioz, herero eta nama herritarren gehiengoa desagertu egin zen: milaka egarriz hil ziren, basamortuan setiatuta; beste horrenbeste, Bigarren Mundu Gerrakoen aitzindari izan ziren kontzentrazio-esparruetan, gosez; eta beste asko eta asko, borrokaldi bortitzetan. Nahiz eta nama zein hereroak kultura eta jakintza handikoak izan, europarren begietan behe mailako "alprojak" eta "ergelak" besterik ez ziren; hots, oztopo bat zibilizazioaren bidean, bai eta diamante-meategietan, —besteak beste—, berebiziko irabazkinak lortzeko eragozgarri ere. Hortaz, alemaniar kolonizatzaileek, darwinismoaren irakaspen eta argudioak nahierara ezarri eta “afrikar ahulen gainbehera” azkarragotzeari ekin zioten. Jakina, garaian garaiko goranahiak edozer egiteko eta esateko prest egoten dira aginpideaz jabetu eta dirutza irabazteko. Zentzu horretan, aro bakoitzari berezko makurkeria mota bat egokitu ohi zaio, hurrengo belaunaldikoek —agian— arbuia-tuko dutena, beste berri batek haren lekua betetzen duen bitartean. Demagun, esklabotza. Iraganekoa gaizki ikusia dago, jakina. Gaur dagoen esklabotzari, ordea, gaizki ikusia dago; gaur dagoenari inor gutxik antzematen dio. Ildo beretik, ez dago ezer hobeagorik hurkoa beheratzea baino norbera goi-goian agertzeko. Hala, “hotentote” izen iraingarria eman zieten kolonoek afrikar herri haiei. “Hotentote” izena nola sortu zen ez dago guztiz argi. Baliteke onomatopeia moduko bat izatea. Adibidez, nama herriaren hizkuntzak, —khoisan hizkuntza-familiakoa izanik—, munduan bakana den fonologia-egitura du, mihiaz eta ahosabaiaz egindako klaska eta klik hotsak barne hartzen dituelarik, europarrentzat ahozkatzen oso zailak direnak. Edonola ere, egun “hotentote” hitzaz osaturiko esapideak oraindik erabiltzen dira Europako hizkuntza batzuetan, betiere "nahaspilatua" eta "basatia" den zerbait edo norbaiti buruz mintzatzeko; alegia, herri haien ezaugarri nagusiak omen zirenak gogora ekartzeko. Behinik behin, Alemaniako sozialistek, —Rosa Luxemburg eta August Bebel tartean— gogor salatu zituzten hotentoteen aurkako guda bidegabea eta beronek ekarritako gastu militarrak. Hain garrantzi handia bereganatu zuen hotentoteen aferak, non 1907an hauteskunde berrietarako deialdia egin behar izan zen Alemanian, hain zuzen, Hotentoteen bozak deiturikoak. Zoritxarrez, sozialistek boto anitz galdu zuten hartan. (1) Batek daki zenbat genozidio izan diren historian. “Genozidio” hitza, berriz, August von Platen XIX. mende hasierako alemaniar poetaren sentiberatasunari zor zaio. Platenek, lehendabiziko aldiz baliatu zuen “genozidio” hitza poloniarren askatasunaren aldeko borrokaren harira egindako oda batean, Austria, Prusia eta Errusiak Poloniako herrialdea zatikatu eta betiko irensteko asmoa gaitzesteko. (2) Bestalde, Raphael Lemkin poloniar eta judutar legelaria genozidioa zer den zehazteari lotu zitzaion bi mende geroago. (3) Lemkinek naziengandik ihes egin behar izan zuen eta, Bigarren Mundu Gerra ostean, UNO erakundeari lege-zirriborro bat aurkeztu zion genozidioaren harira. Nazio Batuek aho batez onartu zuten 1948an, aurrerantzean genozidioa eragotzi eta behar bezala zigortzeko itxaropenetan. Alabaina, geroztik ez da atsedenik izan: genozidioek aurrera jarraitu bakarrik ez, era guztietako gatazkek ere makina bat herritar egotzi dute beraien herrialdeetatik eta munduan zehar sakabanatu. Berlingo Wedding auzoan, esaterako, gero eta ugariagoak dira afrikar jatorriko etorkinak, iheslariak eta errefuxiatuak. Honezkero, kale-izenak aldatzeko batzordea osatu da eta udalak kolonizatzaile nagusiren omenez bataiatutakoak kentzea lortu, bederen. Halere, bertako kaleetan barrena ibiliz gero, kolonizatze haren oroimenak eragindako hotza ez da erraz gainetik kentzen. ___________________________________________________________ (1) Alemaniako gerra kolonizatzaileak Afrikako hego-mendebaldeko hotentoteen aurka, gobernu-krisi bat ekarri zuen berekin. Izan ere, militarren aurrekontuari 29 milioi marko gehitzeko eskaerak ez zuen boto nahikorik eskuratu. Hori zela eta, Hotentoteen Hauteskundeak izenekoak egin ziren. (2) August van Platen (1796-1895), poeta eta dramagile alemaniarra. Polenlieder. 1832. (Poloniar olerkiak): Er ist begangen,/ Der Völkermord!... (Gertatu egin da/ herri baten hilketa!). Völkermord: herrien hilketa, hitzez hitz; hau da, genozidioa. (3) Raphael Lemkin (1900-1959). Axis Rule in Occupied Europe (1944) liburuan zehaztu zuen lehendabiziko aldiz herrien hilketa edo genozidio terminoaren esanahia. Ikus: Genocidio. Escritos. Centro de Estudios Constitucionales. Madril, 2015. Piztiak, gizakiak, robotak Gizakiok abereak eta basapiztiak adimenaren erresumatik baztertu genituen noizbait, beraien gaitasun kognitiboak neurtzeko geure burua eredu eta irizpide hartuta. Alabaina, baliteke geure mugak izatea animalien ahalmenei antzematea eragozten digutenak. Sinestuta gaude lurreko beste bizidunen ezagutza mugatuaz, gure ezagutzeko ahalmenarekin alderatuta. Baina oraindik ez dakigu zehazki nolakoa den geure buruaren jarduera ezagumenari dagokionez, edota zein den giza burmuinaren egitura, neurobiologoen ikuspegitik esanda. Hari horretara, beharbada egia zuen Wittgensteinek esan zuenean leoiak hitz egiteko ahalmena balu, gizakiok ez ginatekeela bera ulertzeko gauza. (1) Wittgensteinen hitz horien arabera, errotikoa da animalien bestelakotasuna, hain neurri handian, non ezin dugun ezta egiaztatu ere leoiek hizkuntzarik baduten ala ez, hizkuntza giza bereizgarri nagusietako bat dela uste dugun arren. Edonola ere, bizi-baldintza bereak ditugulako ulertzen dugu elkar gizakiok. Hortaz, guztiona den bizimodu bat da mezuak hizkuntzaren bidez elkarri helarazi ahal izateko euskarria. Izan ere, esanahiak espezie bakoitzaren baitan osatu daitezke soilik. Hala bada, nola igarri beste izakien balizko hizkuntza jokoak? Ezagumenaren mugak aipatzean, Kanten Arrazoimen Hutsaren kritika dator burura; alegia, Kantek egindako azterketa esperientziaren menpekoa ez den giza ezagutza-tresna horri buruz. (2) Halere, gaiaren beste alderdi bat zaigu ardura testuinguru honetan: mundu-ikuskera hierarkikoari zor zaiola gizakiok beste izaki bizidunak ergeltasunaren erresuman kokatu izana. Ikuskera hierarkiko horrek betidanik eraman du, bestalde, gatazka larri eta gerretera. Bada, ikerlari objetikboenei ere zaila egiten ohi zaie beren burua ondoko aurreiritzi honetatik askatzea: gizakumeok gainerako bizidunak baino gehiago garela. Gehiagotasun-ustea begien barruan txertatutako leiar ideologiko baten antzerakoa da. Hemen ere erdeinatu egiten da ezagutzen ez dena, Antonio Machadoren Gaztelari buruzko bertsoetan bezala. (3) Zalantzarik ez, antropozentrismo hori baino, onuragarriagoa litzateke irudimen handiagoa izatea lurrean bizi diren beste izakien larruan jartzeko orduan, bai eta, behinik behin, horiengana begirunez eta mirespenez hurbiltzen saiatzea ere. Hori gabe, laborategiko saiakuntza ankerrak eramaten dira aurrera, animaliak soilik gure zerbitzura egoteko jaio balira bezala. Esperimentu horiek, gainera, batez ere behaviorismoa zuritu eta gizartean ezartzeko balio dute, gainera. Jakina, giderrak eskuetan dauzkatenek— azken batez, zientzia-lanak diruz laguntzen dituzten horiexek— aurretik iragarri daitekeen giza portaera kontrolagarria sustatu nahi dute giza bizitzaren alor guzti-guztietan. Zentzu horretan, sagu gartzelaratu eta manipulatuak herritar xeheen jarraibide bilakatu dira. Era berean, Bibliaren jainkoak aldarrikatu zituen giza ezaugarri hotsandiko haiek (Egin dezagun gizakia; izan bedi gure irudiko, gure antzeko...) gizartearen boterea dutenen eliteari baino ez dagozkio. Bestalde, mendebaldeko filosofiak ez dio animalien eta landareen ezagumenari gogoeta askorik eskaini, salbuespenak salbuespen. Günther Anders XX. mendeko pentsalariak zioenez, ordea, filosofiak ez du zertan gizakiak subjektu duinagotzat hartu, marmokak baino, adibidez. Haren iritziz, harrokeria besterik ez da uste izatea gure “balentzia metafisikoa” munduko beste espezieena baino handiagoa dela. (4) Antzin Aroko Jenofanes, berriz, honela mintzatu zen: Idiek eta leoiek eskuak balituzte..., beren buruen antzera margotuko lituzkete jainkoen irudiak eta gorputzak. (5) Oro har, erlijio antropomorfoen aurkako argudio bikain honek hausnarketa honi ere ematen dio bidea: ba ote dute animaliek, —beren jainkoak margotzeko eskurik izan ala ez— erlijioaren edo erligatu beharrik? (6) Agian, —filosofia hinduistaren kontzeptu bat baliatzearren— Brahman delakoaren edo Izate amaigabearen zati izanik bizi dira, bitartekaritzarik gabe. Ildo horretatik, erlijioak gabezia baten adierazgarritzat hartu genezake, ez goi mailako giza espiritualtasun berezitzat. Animalien adimenaren auzira itzulita, azken garaiko ikerlan zientifikoak zeri eta adimen artifiziala bultzatzeko lehiari zor zaizkio. Yuri Lotman semiologoak XX. mendeko laurogeiko hamarkadan aurreikusi zuenez, adimen artifizialaren helburua ez da giza adimenaren alderdi logikoaren kopia huts bat egitea, baizik eta jardunbide intelektualen forma anitzak aintzat hartzea. Horrexegatik, zoosemiotikari "ohorezko toki bat" aitortu behar zaio, Lotmanen arabera. (7) Beraz, adimen artifizialaren alorrean ere badago zerikasia, hain zuzen, basapiztiengandik. (8) Horiek horrela, Neurozientzia gaur erakusten ari denez, ez bakarrik gizakiek, animaliek ere eboluzio kognitibo bat izaten dute bizian zehar, bilakaera horri esker egiten dietelarik aurre ezusteko egoerei. Hots, animalien baliabideak eta aukerak ez daude geldirik; aitzitik, eraldatu eta handiagotzen dira. Makina batek, ostera, ez du antze eta trebetasun berriak garatzeko autonomiarik. Honezkero, egiazko erronka beren buruaren jabe diren robotak sortzea da. Paradoxa bada ere, horrek eraman dezake eliteak robotei masari ukatzen dion askatasuna ematera. Zoritxarrez, kontu honetan ere egiten dugu topo den-dena kolonizatzeko gizakion grinarekin. Hau da, animaliei buruzko ikerketetan gertatutako aipatu ikuspuntu-aldaketak xede bat du, hain zuzen, animalien bereizgarri kognitiboak robotak sortzeko erabiltzea: esate baterako, Marte planeta egokitu eta bertan giza kolonia bat gai diren robotak. (1) Wittgenstein, Ludwig: Philosophische Untersuchungen. (1953). (Ikerketa filosofikoak). (2) Kant, Immanuel: Kritik der Reinen Vernunft (1781) (Euskaraz: Arrazoimen hutsaren kritika. Klasikoak. Bilbao, 1999). (3) Campos de Castilla (1912) poema liburutik. Castilla miserable, ayer dominadora,/ envuelta en sus andrajos, desprecia cuanto ignora. (Gaztela doilorra, menderatzaile izan zena/ bere piltzarretan bildua, gutxietsi egiten du ezagutzen ez duena). (4) Anders, Günther: Brecht konnte mich nicht riechen. (Brechtek ezin ninduen ikusi) 1985ko elkarrizketa Fritz J. Raddatzekin. Günther Anders antwortet. Interviews & Erklärungen. (Günther Andersen erantzunak. Elkarrizketak & adierazpenak). Edition Tiamat Argitaletxea. Berlin, 1987. 99 orr. (Gazteleraz: Brecht me consideraba insufrible. (Llámese cobardía a esa esperanza. Besatari. Bilbao, 1995). (5) Jenofanes 502 (21 B 15). Kirk, G.S. ; Raven, J.E. ; Schofield, M.: The Presocratic Philosophers, 1957. Filosofo aurresokratikoak. (Gazteleraz: Los filósofos presocráticos. Gredos. Biblioteca Clásica Argitaletxea. Madril, 1978. I. liburukia. 294 orr.) (6) “Erlijio” hitzak “religión” du jatorria, latinezko “religere” aditzetik omen datorrena. “Re-”, berriz, ”ber”- aurrezkiaren parekoa da eta “ligare”-k “aintzat hartu” esan nahi du. Halere, Cicero filosofo, politikari eta idazleak (K.a. 106-43) “ligare” aditzetik eratorri zuen “religatio”. Honek, aldiz, “lotu” esan nahi du. Ildo beretik, “religatio”-k “berlotzea” esan nahi du. (7) Zoosemiotika animalien arteko komunikazio sistemak aztertzen ditu. (8) Lotman, Yuri: Cerebro, texto, cultura, inteligencia artificial. (1981). Gaztelerazko itzulpena: Criterios. Revista de Teoría de la Literatura y las Artes, Estética y Culturología. 31 zenbakia. Urtarrila-Ekaina 1994. 207 orritik aurrera. Oi Marte maitea! Marteren kolonizatzeari buruzko albisteen mezua argi-argia da, zeharka helarazten bazaigu ere: zer axola zaizkigu klima-aldaketa, Artikoaren urtzea eta ingurumenari eragindako kalteak, laster Marten bizitzeko aukera izango dugunez? Utz dezagun, bada, albo batera dugun beldur funsgabe oro, eta ekin diezaiogun suharki bizi-baldintzak sortzeari Planeta Gorrian. Ezer gutxi da norberaren patu kaxkarra, gizadiaren egundainoko erdiespen galaktikoen aldean. Lagun diezaiogun, NASAri denon zergen bitartez ordaindutako egitasmo oro altruista hori aurrera eramaten. Eta abar. Dirudienez, makina bat zientzialari, politikari, kazetari..., —alegia, Lurreko lagunak bizi diren errealitatea moldatzearen ardura bere gain hartu dutenak—, tematurik daude frogatzen gizakiok ez dugula natura ezertarako behar. Eta batek daki ez ote den egunen batean lortuko, teknika eta robotak direla medio, lurtarrak Marteko kokalekuetan naturaltasun eta normaltasun osoz ibiltzea, euskara Euskal Herrian dabilen antzera... Horrela ibiltzen dira gaur hiri handietako bizilagunak ere, metroko katakonbetan nahiz lanpostu itogarrietan orduak eta orduak ematen egunero, arnasteko aire egokitu nazkagarria baino ez izanik. Hortaz, ez dugu zertan alferrik larritu, honezkero atzean utz ditzakegulako Lurra eta beronen huskeriak. Hau da, badugu nora jo ELE bat izango balitz (Extinction-Level Event/Biziaren desagertze-mailako gertakizuna, dela meteorito bat, dela hondamendi nuklear bat), nori eta NASAko ongileek asmatutako robot adimendunei esker. Jarrera ideologiko horrek ihes-nahi kutsua dauka, noski: Ikusi arte, Lurra! Agur konpontzerik ez duten zure arazo itsusi guztiak! Bazen ordua, izan ere, negozioaren sukurtsala beste nonbait zabaltzeko. Gainera, ez da batere zaila izango Martera bizitzen joateko prest denik aurkitzea. Esan bezala, Marten bizi ahal izateko trebakuntza orokorra aspaldi hasi zen bideratzen. Aski da ikustea nola metropoli erraldoietako biztanleak ohituta dauden naturatik urrun-urrun bizitzen. Lurreko behartsuenak dira jaiotzetik ongien dakitenak zer den Marte bezain abegi txarreko eremu zakarretan bixitzea. Bestalde, espaziora egiten den luxuzko turismo ergelak erakutsi duenez, snob batzuek hobbyz bidaiatu nahi izango dute Martera, zein aberatsak diren ezagutzera emateko. Beste batzuek, ostera, proiektu epikoek piztu ohi dituzten lilurak eta jakinminak erakarriko dituzte. Hainbatek, alabaina, esklabo eskainiko dute gisa beren burua, bizimodua ateratzeko, ezinbestez. Zeresanik ez, soldatapeko aitzindari kolonizatzaile hauei, —Marten daogen kutsadura erradioaktiboak edo izarrarteko istripu batek jota hil ondoren—, domina bat emango zaie, egun Estatu Batuetan kanoi-bazka diren soldadu latinoen senideei bixi-bitarteko errenta bat ematen zaien moduan. Edonola ere, guztiak izango dira Martetar Aroko heroi eta akuri berriak. Testuinguru honetan, nabarmentzekoa da adimen artifizialaren ikerketa-alorreko aditu baten ikuspegia: Jürgen Schmidhuberrek —Suitzako Lugano Unibertsitateko katedraduna eta Dalle Molle Institute for Artificial Intelligence Research erakundeko buru— Frankfurter Allgemeine egunkariko 2015eko elkarrizketa batean zioenez, ezin daiteke iragarri nora eramango duen gizadia adimen artifizialaren garapenak. Haren ustez, behin bide hori urratuta, ez dago atzera egiterik: Sinestuta nago, orain eta hemen, eguzki-sistema honetako unibertsoa gertu dagoela hurrengo maila iristeko (...). Eboluzioaren zehar izan diren urrats anitzek lehendik zegoen bizi-espazioa hobeto betetzera eraman dute, eta baita bizi-espazio berriak konkistatzera ere. (1) Beraz, eboluzioaren hurrengo pausoa robotek egingo dute-eta, ez gizakiek. Ildo horretara, “robot” hitzaren jatorria datorkigu gogora: “rabota”-k “lana” esan nahi du errusieraz. Jürgen Schmidhuberren hitzen arabera, aldiz, badirudi jatorrizko esanahi hori galdu egin dela, aro berriko robotak, beharginak baino, sortzaile beregainak izango direlako, ezusteko erantzunak ere emateko gai, Lurrean zein Marten. Hala eta guzti, gizakiok prest gaude etorkizuna, bai eta geure eboluzioa ei dena beren kasa arituko diren roboten esku uzteko. Elkarrizketatuak berak aitortzen duenez, makina itzel horiek berezko jokabidea izango dute epe laburrera. Gure onerako, agian; edo beharbada, ez. Baina zergatik halako utzikeria gizakion aldetik? Errusiar erruletazale bilakatu ote gara? Zergatik nahi dugu ezezaguna den zerbaitek gure burua ordezkatzea? Aipatu ikerlariaren iritziz, batetik, robotek berebiziko xarma dute; science fiction delakoaren arrakastaz jabetzea besterik ez da. Bestetik, robotena diru-iturri garrantzitsua da. Dena den, nahitaezkoa omen den giza bilakaera horrek ez du Jürgen Schmidhuber kezkatzen, ezta kontrola erabat galduta ere. Hortxe dago koska: lehen “zoro” edo “axolagabe” esaten zitzaion ekimen baten arriskuez eta ondorioez arduratzen ez zenari. Adibidez, Schmidhuber bezalako zientzialarien gainean mintzatzean hitz bat erabiltzen zen alemanez: Fachidiot, “espezialista memeloa”; hots, berari dagokion jakintza-arlotik kanpo ezer aintzat hartzeko gai ez den zientzialaria. Hari horretara, Schmidhuberrek atsegin du nabarmentzea artezalea dela, susmo horiek saiheste aldera. Zoritxarrez, Jürgen Schmidhuber bezain itsuak, buruarinak eta egozentrikoak diren zientzialari askok eta askok lanean dihardute gizarte kapitalistan. Edonola ere, eskertzekoa litzateke belaunaldi berriko robotei hemendik aurrera emango ez balitzaie gizaseme adoretsuen itxura, ezta gizalaben panpoxena ere, orain arte egin den legez. Bonba atomikoa kaltegabetzearen parekoa da, bikiniz jantzitako emakume eder atomiko baten irudia erabiliz, XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan Estatu Batuetan egin zen bezala. Edo zentral nuklearrak horma-irudi koloretsuen bidez gizatiartu nahi izatea bezalakoa, Frantzian egin zenez. Bestalde, ondo legoke, hain zuzen, Lurretik desagerrarazi ditugun piztien mozorrorik ez eramatea Martera. Okagarria da horrenbeste kitsch eta folklore. Ez dugu nahi tximeleta-, ipurtargi- eta hartz-robotik Marteko iruditerian agertzea, ez eta ere Lurreko pagadi eta ariztiak bakarrik argazkietan existitzea, non eta bertoko teknokrata txikiziozaleen bulegoetako apaingarri gisa. (1) Frankfurter Allgemeine Zeitung (2015.12.01) alemaniar egunkariko elkarrizketan. Die Welt von morgen (Biharko mundua) izeneko Sailean agertua. Cristobal Colon alpinista Alpinismoa, izenak berak erakusten duenez, Alpeetan sortu zen XIX. mendean eta munduko beste eskualdeetara zabaldu zen ondoren. Halere, horrek ez du esan nahi aipatu alpinismoa baino lehen mendizaletasunik ez zegoenik, nahiz eta maiz kontrakoa esaten den; alegia, antzina jendea ez zela goi mendietara igotzen, ez behintzat atseginagatik soilik. Hari horretara, askotan esaten da gure arbasoek “mendia erabili” besterik ez zutela egiten, bizimodua ateratzeko betiere. Antza, mendiari zegokionez, iraganean pragmatismoz jokatzen zen, beste gaberik. (1) Horrela hitz egiten denean, alabaina, banatu egiten dira gauzen alde praktikoa eta alde poetikoa; “ekoiztu, erabili eta bota” delakoaren pentsaerak eraginpean, labur esanda. Eta iraganera proiektatzen da orainaldiko korronte nagusia, bizitzaren alderdi guztiak zatikatu, banatu, eta sail itxietan sartzen dituena. Lehen, ordea, beste bat zen joera: osotasunaren aldekoagoa edo holistikoagoa, nolabait esateko. Mendiak eta larreak, zelaiak eta itsaslabarrak, basamortuak eta padurak: natura izan da giza bizitokia industrializazioa etorri arte. Eta ez da kontraesana bizitzeko beharrezkoa den natura maitatzea, hain zuzen, ederra ere badelako. Beraz, ez litzateke zaila izan beharko ulertzea aurreko garaietako bizilagunek beren bizitokia aintzat hartu eta estimatzen zutela, Baionako barrako arraintxoek ura maite duten bezalaxe. (2) Beharbada, iraganean omen zegoen mendiarekiko maitasun-ezari eta ikuspegi produktibo hutsari buruzko aurreiritziek badute zerikusia azken hamarkadotako baserritarren jarrerarekin. Izan ere, gizartearen bilakaera orokorretik eta metropolien hazkundetik kanpo geratuz joan diren nekazariek eta abeltzainek beren bizipenetara eraman dute hirietako biztanleen bizitzarekiko jokabidea. Hau da, beren erroak eta bizi-testuingurua ia-ia erabat galdu ostean, kanpotiko begiradaz interpretatzen dute bizitza; hots, besteren begiez ikusten dute beren burua. Besteak beste, aldizka oporrak hartzeko soldatapeko langileen ustezko askatasunaz bekaizten dira. Hori dela-eta, lanpostu esklabutzat jotzen dute naturari lotutako beren jarduera, hiriko asko baino burujabeagoak diren arren. Era berean, sinesteak antzina bakar-bakarrik halabeharrez joaten zirela mendira, —eta sekula ez gozatzeko— alpinismo konkistatzailearen ikuspuntua uzten du agerian. Zentzu horretan, uste izatea garaikideok lehenak garela gailurren batera iristen, Cristobal Colonek "Amerika 1492an aurkitu zuela” aldarrikatzea bezala da, kontinente hartan Colon baino milaka urte lehenago hamaika herri bizi zirela ezagun izanik. Halaber, gogoan izan behar da giza historian zehar hainbat hondamen eta klima-aldaketa izan direla eta, ondorioz, herri asko desagertuko zirela beren lorpenen aztarnarik utzi gabe. Ezin bada ere denetarako froga zientifikorik aurkitu, hortxe ditugu itsasoan hondoratutako zibilizazioei buruzko elezahar ugariak. Hortaz, ez genuke ondoko hipotesi hau bazterreratu behar: baliteke ustez lehenak garen urrutiko tokietan beste norbait egon izana ere. Egia da, bestalde, “natura menderatzeko” inolako nahirik ez zegoela XVI. mendetik aurrera Natur zientzien arloan iraultza bat gauzatzen hasi zen arte. Hala eta guzti, iraultza zientifikoaren baino lehenagokoek ez zuten beren burua naturaren “mendeko” hustzat hartzen ere. Aitzitik, giza taldeek ausart jokatu ohi dute beti biziari aurre egiteko orduan. Ausardia eta kemen horri zor zaie gizakiok lur-bazter guztietara hedatu izana. Areago, ez dira gutxi izan leku urrutietara abiatu direnak, beren kabuz edota bakarka, mundua ezagutzeko grinak bultzatuta. Ekimen horietako asko ahaztuak izan dira edota beren garaietan ere geratuko ziren izenik gabe. Gaurko alpinista konkistatzaileek, ostera, lorpen izendunak aukeratzen dituzte helburu. Argi denez, orainaldiko alpinista konkistatzaileak dira mendiari buruzko iritzi utilitarista dutenak, —bai eta, gehienetan, kontsumista ere—, ez antzinako herriek. Egun, markaren bat haustea izaten da erronka eta beste inork lortu ez omen duen zerbait egitea, berdin zentzugabea den ala ez. Mendiak garaipen-ikur bihurtu dira, garaiera, zailtasun teknikoa, muturreko klimatologia edo ibilbide txundigarriak irizpide hartuta. Gainerakoan, alpinista konkistatzaileei ez zaizkie axola handirik “mendi enblematikoen” inguruetan bizi direnen kultura eta patua. Makina bat aldiz, mendiari izena aldatzen zaio tontorra "konkistatu" zuen mendebaldeko lehen alpinistaren izena jartzeko, bertakoek emandakoa lehenetsi beharrean. Alpinista horiek maiteago dute beren burua mendia baino. Orobat, gaur uste izaten da tradiziozko zibilizazioetan inor ez zela gailurretara hurbiltzen, goi mendiak sakratuak zirelako; beste hitzetan, jainkoei eskainiak. Mendebaldekooi “sakratu” hitza entzutean, erritual fazatiak eta hutsalak, larderiazko keinu ilunak, apaingarriz jositako aldareak eta tunika sofistikatuez jantzitako apaizak etortzen zaizkigu burura. Dena den, horiek guztiak Eliza Katolikoaren nagusikeriak ezarritako eskemak dira, sakratutasunaren jatorrizko esanahitik urrun daudenak. Toki eder bereziei —mendi-gailurrak barne— beti aitortu izan zaie izaera sakratua, naturaren berezko indar bizien adierazgarri izaki. Bertan biltzen zen jendea ospakizun, jai, erromeria eta une garrantzitsuetan, eskuarki. Jakina, sakratutasuna mugak ezartzeko ere izan da baliagarria: elezahar eta mitoetan jasotako tabuek xede zuten gizakume buruarinei edo ezjakinei galzoriaz ohartaraztea, ez zezaten arinkeriaz jokatu. Gaurko alpinismora etorrita, merezi du Reinhold Messner mendigoizalearen ekarpena aipatzea. Messnerrek gaztetan aukeratu zuen alpinismo motari "uko egitearen alpinismoa" deitzen dio, ahalegindu zelako oxigeno-botilak eta baliabide tekniko korapilatsuak eta garestiak saihesten. Messner mendiek inguraturiko toki batean jaio eta hazi zen, Alpeetan. Haren ustez, giza espeziari dagozkion instintu zaharrei esker ikasi zuen mendian ibiltzen. Bihotzean, goi mendietako baserritarra naiz, esaten du bere buruaz elkarrizketa batean. Ildo beretik, “arkaiko” ere deritze mendiko bizipenei. (3) Azken batez, zer egin zuen Messnerrek oxigenorik gabe goi mendiak igotzeari ekin zionean? Berriz bere baitan antzinako gizakia aurkitu eta berealdiko ahalmenak berreskuratu. Zeregin horretan, Mendebaldean, behinik behin susmatu ere egiten ez ziren ezohiko indarrak baliatu zituen. Horrek erakusten du zenbait bide berri urratzen direla atzera —eta barrura—, begiratzen dakiten aitzindarien eskutik. Sarritan ematen du bakarrik mendizale erdi eroek dauzkatela berebiziko gaitasun horiek. Baina Messnerrek arrazoia du: neurozientifiko eta neuropsikologoen ikerketak erakusten ari direnez, denok dugu, garatu gabe, hainbat ahalmen barnean. Zoritxarrez, baztertuak izan dira, batez ere, industrializazioaren aroa hasi zenetik. (1) Esaterako, Donostiako San Telmo Museoan 2015ean egin zen Mendia izeneko erakusketa batean horixe esaten zen sarrera gisako gogoeta orokorretan. (2) Itsasoa laño dago/ Baionako barraraino... Nik zu zaitut maiteago/ arraintxoek ura baino. (3) Messner, Reinhold; Dech, Stefan; Sparwasser, Nils: Die vierte Dimension: Weltberge (2016) (Laugarren dimentsioa: mundu-mendiak) (Gazteleraz: Montañas. Traspasando los límites. Lunwerg. Bartzelona, 2016). Emazteen kaltez Erraza da, —ia-ia errazegia, zoritxarrez—, filosofo ospetsu gehienak barregarri uztea emakumeen gutxiagotasunari buruz beren garaian idatzi zutena gogora ekarriz. Hari horretara, Annegret Stopczyk idazleak Zer pentsatzen duten filosofoek emakumeez izeneko bilduma argitaratu zuen, gizonezko filosofoen gogoetek osatua; hain zuzen, 1980an, gai horren gaineko feministen ikerketak hasi berritan. (1) Stopczyk bildutako testuetan agertzen dira auzo lotsa sortzeko moduko burutapen eta zentzugabekeria anitz, Historian zehar behin eta berriz erabili direnak; oraingoan gizonezko filosofoen ahotan, hitz arranditsuetan mozorroturik. Nola liteke buruargi horiek horren burumotz izatea emakumeei buruzko beren iritzia emateko orduan? Filosofoek eta zientzialariek, oro har, maiz hartu dute ezaugarri biologikotzat gizartearen bilakaeraren ondorioa edo emaitza baino ez zena; hots, andreen ahulezia, non eta gizarteak ateak ixten zizkien arloetan. Jakina, nola garatu debeku eta mota guztietako eragozpenengatik trebatu ezin zitekeen hura? Halere, honezkero ongi frogatu da honezkero, —emakume askoren berebiziko ahalegin eta lorpenei esker—, emakumeek ez dutela berezko edo jaiotzetiko inongo ezinkizunik; ez adimen edo ezaguerari dagokionez, ez eta gainerako ahalmenei dagokienez ere. Zenbaitek, ordea, filosofoen erdipurdiko jarrera zuritzeko asmoz, testuinguru historikoa baliatzen dute zertzelada aringarri gisa. Baina pentsalariak —bereziki- gauza izan beharko lirateke denbora eta espazioaren mugak hausteko, beren arrazoimen askea eta irudimenaren bidez. Marka da gero: filosofoek, unibertsaltasunaren izenean mintzatu nahi, eta garaian garaiko zein tokian tokikoaren sareetan harrapaturik jardun dute, zuzeneko esperientziaz haratago jo gabe. Azken batez, gizonezko pentsalari gehienek hauxe egin dute: teoriaren bitartez ahalegindu dira praktika zahar bat besterik ez zenari zilegitasuna ematen. Eta harrigarria bada ere, emakumeak etxekoak ez diren zereginetatik baztertzeko euren argudioek edozein burugabek errepikatzen dakien Pernandoren egiaren antza handia dute. Era berean, emakumezko filosofoen lanak gutxietsi eta isilarazi ohi dituzte gizonezko filosofoek, hain neurri handian, non duela gutxi arte —hau da, XX. mendeko 80.ko hamarkadatik aurrera feministek emakumeei buruzko ikasketei ekin zieten arte— ezta Filosofiako ikasleek ere ez duten izan andre filosofoen berri. Hala eta guzti, funtsezkoa da gogoan hartzea Filosofiaren Historian egon dela, Antzinarotik egon ere, bestelako hausnarketa egitera ausartu den gizonik, nahiz eta euren “emazteen fabore”-ko joera ez den gailendu. Besteak beste, Epikurok eta Pitagorasek emakumezko ikasleak gizonezkoen parekotzat hartu eta onartu egiten zituzten beren filosofia talde eta eskoletan. Filosofo horien ikuspegiak argi eta garbi erakusten duenez, gutxiengoa izan arren, nonahi eta noiznahi izan da aukera emakumeen eskubideak eta gaitasunak aintzat hartu eta haize kontra aritzeko. Hortaz, ez dugu zertan leundu sexismoak liluratu dituen burugogorkeria. Zalantzarik gabe, onura bereziei eusteko asmoa izan da gizon buru-jantzi franko lelotu dituena. XVI. mendean bizi izan zen Nettesheimeko Agrippa filosofo, teologo, osagile eta legelaria, esaterako, emakumeen alde egin zuten horietako bat izan zen. Haren ustetan, gizonezkoek andreei ikastea galarazten diete beldur direlako berauek ez ote dieten, egunen batean, esparru guztietan aurrea hartuko. (2) Bernat Detxeparek ere mende berean argitaratu zuen Linguae Vasconum Primitiae (1545), Emazteen fabore izeneko olerkia duena. Halaber, John Stuart Millek Emakumezkoen mendekotasuna (1869) izeneko idazlanean aldarrikatu zuenez, lege-izaera aitortu zaio mendeetan zehar de facto-ko bidegabekeria bati: horrexegatik, emakumeen azpiratzea helburu duten erakundeak, ohiturak nahiz aburuak, “basakeriaren aztarrenak” baizik ez dira. Beldurra aipatu dugularik Nettesheimeko Agrippa gogoratzean, pentsa liteke jostailu bati datxekion xarma galtzeko beldurra dagoela tartean. Makina bat filosofo “andren gaiz errailek”, Detxepareren hitzak baliatuta, hezkuntza ukatu diete emakumeei, ikasi-nahiak edertasunari kalte egiten diolakoan. Friedrich Nietszchek, —hamaikaren artean bakar bat hautatzearren—, baita susmagarri eta akastun ere zeritzon emakume kulturazaleen sexualitateari. (3) Kultura-zaletasuna bakarrik ez, emakumezkoen ariketa fisikoa ere galgarritzat jo izan da duela bi belaunaldi arte. Sendagileek eta zientzialariek sinesten zuten, —okerreko hamaika teoriatan oinarrituta—, kirola kaltegarria dela emakumeen gorputzaren osasunerako. Horrezaz gain, ez zuten uste emakumeek goi maila lor zezaketen kirol alorrik zegoenik. Ildo beretik, gizonezko pentsalariek beti jo izan dute beren burua arrazional eta adimenduntzat; eta andreak, aldiz, natura hutsaren adierazgarritzat. Halere, soil-soilik filosofo gutxi batzuk lotu zaizkio egiatan jakintsuen bizitza-eredutzat hartu izan ohi den horri, alegia, bakardadean gauzatutako arrazoiketari. Aitzitik, gizonezko filosofoek —homosexualek izan ezik—, andreekiko harremanen beharra izan ohi dute, andreak beheragoko mailan kokatu badituzte ere. Zentzu horretan, ez diote beren kontraesanari aurre egin. Gutxietsi eta gaitzesten duen harexekin bizi eta oheratzen dena beren buruaren jabe ote da? Areago, ilea lazteko adina gertaera bortitz eta pasadizo makur aurkitzen da ere filosofoen ibilbideetan. Aski da zenbaiten biografiei begirada bat egitea. Horra hor, adibidez, urrutira joan gabe, emaztea 1980an hil zuen Luis Althusser pentsalari ezkertiarra... Ez dirudi, inola ere, ogibideak zerikusi handirik ez daukanik jokabide misoginoarekin. (1) Stopczyk, Annegret: Was Philosophen über Frauen denken. Matthes & Seitz. Munich, 1980. (2) Agrippa de Nettesheim (1486-1535). Besteak beste, De nobilitate et praeccellentia faemini sexus (Emakumeen prestutasun eta nagusitasunari buruz) liburuaren egilea, 1529an argitaratua. (3) Ikus, esaterako, Gure onbideak izenburuko atala. (Ongia eta Gaizkiaren baino harago. Jenseits von Gut und Böse, 1886). Elkartasunetik eskuzabaltasun neurrigabera 1931ko udazkenean hainbat eztabaida egon ziren Espainiako Legebiltzarrean emakumeen bozkatzeko eskubidea zela-eta. Clara Campoamor diputatua alde agertu zen; Victoria Kent aurka, ordea. Ordura arte, nahiz eta emakumeek beraiek botoa emateko eskubiderik ez izan, gizonezkoek Campoamor eta Kent bezalako salbuespen-emakumeak hautatu zitzaketen. Alabaina, emakumeek beraiek ez zuten inor hautatzeko eskubiderik. Victoria Kent beldur zen ez ote ziren hurrengo hauteskundeetan eskumatarrak garaile irtengo, emakumeei boto-eskubidea aitortuz gero. Izan ere, garai haietan emakumeen gehiengoa ikasigabea eta oso elizkoia izaten zen. Horrexegatik, Kentek ez zuen emakumeen botoaren alde egin nahi izan. Clara Campoamorren ustetan, aldiz, botoa eskuratzeko abagune hura ez zen galdu behar. Azkenik, botoa emateko eskubidearen aldeko jarrera nagusitu zen, eta Espainiako emakumeek 1933ko urtean lehendabiziko aldiz baliatu zuten beren eskubide berria. Edonola ere, ordurako ongi frogatua zen —Espainian nahiz munduko beste herrialdeetan— emakume asko eta asko, eskumatarrak izan gabe, ezkerraren deialdi iraultzaileari erantzuteko prest zeudela. Victoria Kent politikara heldu zenerako, emakumeek urratua zuten gizarte berri eta zuzenago baten aldeko bidea, amesturiko sexuengatiko bereizkeria etorkizunean desagertuko zelakoan, bai eta, oro har, edozein motako zapalkuntza ere. Bestalde, ez zegoen zertan sinestu, Victoria Kentek sinestu bezala, emakumeek aurrerantzean ere jarraituko zutela eskumatarrak izaten; hau da, beti ezgauza izango zirela beren mugak hautsi eta erlijio eta tradizioaren tutoretzatik askatzeko. Gizaki guztiek egin dezakete bilakaera bat. Hezkuntzak antzinatik izan du xede besteren larruan jartzeko ahalmena garatzea emakumeengan, hauek ume, gaixo eta adinekoen zaintzaren ardura beren gain har dezaten. Haurtzarotiko trebakuntza hori kontuan hartuta, ez da batere harritzekoa, emakumeek hasieratik erraz bereganatu izana talde ezkertiarren elkartasun-mezua. Hain zuzen, mezu horri esker, emakumeei aukera ematen zitzaien ahul eta zapalduekin bat egiteko. Areago, aipatu hezkuntza dela-eta, emakumeek bidegabekeriaren kontrako borroka idealizatzeko joera arriskutsua izan dute sarritan, hurkoa zaintzeko joera neurrigabea izan duten bezala. Ildo beretik, hasieran denontzako omen zen askatze politiko eta sozialaren aldeko borroka gizonezkoen arteko norgehiagoka bilakatu izan da maiz Historian; hots, eszenatoki berrietan ikusgarri izateko eta boterearen jabe egiteko gizonezkoen arteko lehia. Eta iraultzen eta gatazken ostean, emakumeak bizitza politikotik baztertuak izan ohi dira, lehenbailehen etxeko zokora itzul daitezen. Beraz, emakumeek gizonekin indarrak neurtzen jarraitu behar izan dute, berdintasuna ezohiko kontu iragankor bat besterik izan ez balitz bezala. Zentzu horretan, Albert Camus idazlearen "xarma" hitzaren definizioa —hots, “xarma” dela bestearengandik "baiezkoa" jasotzen jakitea, berari galde egin baino lehen ere— bakarrik-bakarrik dagokio gizonezkoen xarmari. Emakume gehienek, aldiz, “xarma”-dunak izateko, baiezkoa jaso ez, baizik eta eman egin behar dute, galdetuak izan baino lehenago ere. Gizarte matxistak emakume atsegin-emaileak, ulerberak eta adeitsuak nahi ditu. Hortaz, hainbeste ezezko jasan —eta aurrera egiteko— eman behar izateak nekatu ditu emakumezkoak hainbatetan. Hala, emakume anitz gatazkaren amaraunetan harrapaturik eta indar-husturik geratu dira, adibidez, feminismoaren hastapenetan: XIX. eta XX. mendeetan estereotipoen tiraderatik irteteko agortu arte ahalegindu zirenak psikiatrikoetan giltzapetzen zituzten Europan. Egoera ez da, noski, horrenbeste aldatu: bere onetik aterea den feminista erremindu histerikoaren irudia oraindik da indarrean. Eta behin eta berriz erabiltzen da nonahi. Testuinguru honetan, Campoamor eta Kenten garaietako bi istorio korapilatsu ekar daitezke gogora hemen, biak oso bestelakoak, baina sakon aztertzea merezi dutenak. Batak agerian uzten du Ramón J. Sender (1901-1982) idazle eta kazetari anarkista espainiarraren erantzun adoregabea eta lotsagarria, frankistek Amparo Barayón emazte zuena kartzelaratu zutenean, Espainiako Gerra hasiberritan. Amparo Barayón emakume ikasia zen, pianista, bihozbera, ezkertiarra eta bizimodu ausartekoa; laburbilduz, faxistek gogoz eta gogor zigortzen zituzten emakume horietako bat. Haren semeak ematen digu amari jasotakoaren berri Muerte en Zamora (Heriotza Zamoran) liburuan. (1) Amparo espetxean zegoen bitartean, aita beste andre batekin zegoen harremanetan Madrilen eta ez zuen emaztearen egoeraz axolarik izan. Senderren jokabidea emazte eta bi umeekin arduragabea izan zen, antza. Bada, Senderrenak gizonezkoen ihes-kutsu tipikoa dauka. Beste istorioak erakusten du nola jokatu zuen Marguerite Duras idazle frantziarrak Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, bere senarra Dachauko konzentrazio-esparruan preso zegoelarik. La douleur (Samina) egunkari modukoan, Duras guztiz kezkaturik agertzen da, senarraren bizia salbatzen tematua, aurrerantzean banatzeko erabakia hartua duen arren. (2) Duras ez da geldirik egongo, ezta lasai geldituko ere, zainketa bereziak behar dituen senarra Dachautik atera eta etxera ekartzea lortu arte. Emakume eta gizonen bi erantzun mota desberdin horietaz hitz egiten du Mascha Alechina Pussy Riots errusiar taldekoak ere bere kartzelaldiari buruzko liburu batean: Emakume gehienak bertan behera uzten dituzte senarrek, ulertu bezain laster emaztea harresi baten atzean giltzapetua izan dela eta bizpahiru urtetan ez dela handik irtengo hurrengo. Alderantziz izaten da gizonei hori bera gertatzen zaienean. (Espetxeko bisitetan) etengabe ikusten da emakume pilo bat, senarrentzat milaka kilometrotan narrasean ekarri dituzten poltsa handi astunak eskuetan. (3) Nolanahi ere, Amparo Barayónen patua da hunkigarriena. Hauexek dira senarrari idatzi zizkion azken hitzak: Berdin zait nire burua, zugatik hiltzen naiz-eta. Baina zer gertatuko zaie gure umeei? (4) Familiako batek, ezkonanaiak, salatu zuen Amparo. Handik gutxira, faxistek sorterriko hiltegian fusilatu zuten. Tiro egitearen ardura, berriz, Amparok gaztetan ezezkoa emana zion Zamorako gizon batek hartu zuen. (1) Sender Barayón, Ramón: Muerte en Zamora (Heriotza Zamoran). Plaza & Janés Argitaletxea. Esplugues de Llobregat, 1990. (2) Duras, Marguerite: La douleur (1985). (Euskaraz: Samina. Erein Argitaletxea. Donostia, 2014). (3) Alechina, Mascha: Tage des Aufstandes (alemanezko itzulpena errusieratik). Ciconia Ciconia Argitaletxea. Berlin, 2018. 238 orr. (Riot Days. Penguin Argitaletxea. Londres, 2018). 4) Juliá, Santos (koord. ): Víctimas de la Guerra Civil. (Gerra Zibilaren biktimak). Temas de Hoy Argitaletxea. Madril, 1999. 109 orr. Azal-egile baten hutsegitearen harira Jan van Eyck margolari flandestarraren Arnolfiniren ezkontza 1434ko margolan ospetsuan, Brugge hiriko Arnolfini banku-gizon aberatsak ezkerreko eskuaz heltzen dio —hoztasun handiz eta bekozko ilunez— bere emaztegai gaztearen eskumari. Zin egiteko, berriz, bere eskuma jaso du Arnolfinik. Bi pertsonaia katoliko horien agerraldiak ezagutzera ematen digunez, erritu katolikoaren arabera ezkontzen ari dira une horretantxe. Izan ere, XV. mendean aski zen ezkongaiek elkarri hitza ematea ezkonduak izateko. Lekukoak eta apaiza ez ziren izan beharrezkoak Trentoko Kontzilioak mende eta erdi beranduago ezkontzarako bestelako baldintzak ezarri zituen arte. Jan van Eycken aipatu irudia oso ezagun egin da geroztik. Halere, argi dago azal-egile batek huts egin zuela Arnolfiniren ezkontza irudiaren zati bat —hain zuzen, bi eskuak helduta agertzen diren zatia— hautatu zuenean Denis de Rougemont Suitzako filosofoaren L’Amour et l’Occident idazlanaren mamia irudikatzeko. (1) Bada, Arnolfini finantzariak ezkerreko eskuaz eginiko keinuak bere ezkontza morganatikoa dela adierazten du. Morganatikoa izateak esan nahi du, batetik, ezkontideak ez direla gizarte-maila edo klase berekoak; bestetik, emazteak uko egiten diela senarrarengandik ezer oinordetzeko eskubide guztiei, baita biok izan ditzaketen umeen izenean ere. Beraz, Arnolfiniren ezkontzan kalkulu zorrotzak agintzen du, ez bihotzak. Denis de Rougemont filosofoak, ordea, Tristan eta Isoldaren mitoa aztertu zuen bere 1939ko liburu horretan; alegia, maitasun edo maitemintzeari buruzko mitoa. Filosofoaren ustez, mito horrek oraindik ere nolabaiteko eragin poetikoa zeukan XX. mendeko maitaleengan. Tristan eta Isoldaren mitoak kontazikuzun kelta bat du jatorri urruna. Erdi Aroan, alabaina, kataroen testuinguruan nahiz cortezia zelakoaren giroan mitoa zabaldu egin zen, ezkontzaz kanpoko harreman mota jakin bat irudikatzen zuelarik. Probentzerazko cortezia hitz zaharrari zaldunen ezaugarriak zegozkion; hots, prestutasuna, omen ona, adorea, andereekiko atxikimendu eta miresmen ezohikoa... hau da, zaldunek bereganatu nahi zituzten dohainak egunen batean dama maitatua merezi ahal izateko. Zalantzarik ez dago: Arnolfini dirudunaren ezkontza morganatikoak ez du lotura handirik Tristan eta Isoldaren mitoarekin. Edonola ere, gizarteak Historian zehar asmatutako ezkontza-ereduak zenbatu ezinekoak dira eta denak interesgarriak. Mila eratara arautu dira umeen jabetza nahiz ondasunena, betiere alderrai samarra izaten den norbanakoaren sexualitatea zuzentzeko asmoaz, giza talde bakoitzaren iraupena bermatze aldera. Zeresanik ez, ezagunak zaizkigun antolabide gehienetan nagusitu da gizonen agintekeria emakumeekiko. Hari horretara, —monogamia, poligamia eta poliandria ezagunak alde batera utzita—, badaude europarroi behinik behin ezezagunagoak zaizkigun ezkontzeko aukerak. Esaterako, Tansaniako kuria edo Sudango nuer herrietan egiten den emakumeen arteko ezkontza, zeinak ez duen zerikusirik Mendebaldeko kulturan onartzen nahiko hasi berriak diren homosexualen arteko eskontzekin. Herrialde haietako emakumezko ezkontideen arteko hitzarmenak ez du sexualitatea barne hartzen. Xedea hauxe da: ez senarrik ez umerik lortzerik ez duen emakume batek familia izatea bera baino behartsuagoa eta gazteagoa den beste emakume baten bitartez. Amatasun ordezkatu antzeko zerbait, herriko gizon batekin. Bi emakumeak etxe berean bizi ohi dira, baina umeen aitak ez du beste eginkizunik izaten. Harrigarriak dira ere Txina aldean ospatzen diren ghost marriage izeneko ezkontzak, zeinetan ezkongaia hildako batekin ezkontzen den. (Ingelesezko ghost hitza hildakoaren arimari dagokio hemen). Agidanez, ezkongabe izatea egiazko hondamenditzat hartzen da, tradizioz, makina bat tokitan. Hortaz, onargarria da, besterik ezean, hildako batekin ezkontzea. Eskuarki, txikia izaten da sentimenduen dosia ezkontza moldeetan. Jokabide eta jarrera prosaikoenak gailentzen dira-eta. Era berean, gizarteek ameskeriatzat jotzen dute ezkontza amodioarekin edo maiteminarekin batzeko nahia, azken hau aski zurrunbilotsua eta iheskorra denez gero. Azken batez, segurtasuna, ekonomia eta gizarte-kontrola dira ardatz bizimodua antolatzeko orduan, asmatu diren intereseko konponbide horiek guztiek erakusten duten bezala. Testuinguru honetan, Günther Nenning kazetari austriarra ekar daiteke hemen gogora gizonezko bakanetariko bat izan delako mendebaldeko gizarte kapitalistari ikuspegi feministatik kritika egiten. Günther Nenningek ondoko hau idatzi zuen 1975ean orduko ezkontza-jarraibideei buruz Wir Männer sind Schweine (Gu gizonok txerriak gara) testuan: Nagusitu den moral sexualaren helburua ez dago hor jendeak bete dezan. Aitzitik, bete ezin delako dago indarrean. (2) Beste hitzekin esanda, arauak betetzeko ezintasun horri esker, aginte-sistemak erabil ditzake, nahierara, errutasun eta beldurraren sareetan harrapaturik bizi diren gizabanakoak. Nenningen iritziz, ezkontza gerruntze itogarria bezain iruzurtia da, eta bereziki emakumeentzat kaltegarria. Hala eta guzti, nabarmenak dira azken hamarkadaotako aldaketak. Bikotekideen banatzea gero eta arruntagoa da. Ezerk ez ditu behartzen bizitza osoan burdin soineko bati kateaturik egotera. Areago, ohituren malgutzea merkatuaren eskutik joan da, merkatuak ez baitu betikotasunik ez egonkortasunik nahi, baizik eta etengabeko mugimendua eta aldakortasuna. Ildo beretik, gizarteak gizon-emakumeak zirikatu egiten ditu edozein desira —erotikoa barne— lehenbaitlehen ase dezaten, atzeratzerik ez duen gutizia gisa; eta abiadura handiz ezkondu eta banandu daitezen. Zenbat eta eztei gehiago, hainbat eta kontsumo gehiago. Zenbat eta dibortzio gehiago, hainbat eta —politikoak ez diren— kezka eta arazo gehiago maitaleak entreteniturik egon daitezen, ezertaz hausnarketa egiteko astirik gabe. Bestalde, bai maitaleen artean, bai beste edozein alorretan egiten da topo hitza jateko joerarekin, Arnofilniren aroan ez bezala. Orduan, bederen, elkarri emandako hitzak balio handia zuen. Ez zegoen sinatutako agiriren beharrik. Honezkero, hankaz gora dago, erabat, Denis de Rougemontek aztertu zuen maitaleen arteko pasio mitiko hura. Betekizun bakar bat geratu zaio: bizipen zirraragarriak eta arriskurik gabeko abentura txikiak sustatzea eguneroko monotonia arintzea xede. Hori bakarrik ez: Tristan eta Isolda prest egon ziren maitasunagatik bizia emateko. Zentzu horretan, uztartuta ageri dira maitasuna eta hiltzeko zoria biongan. Egun, ostera, gizonezko asko herioa emateko prest egoten dira, nori eta maite omen dutenari. Beharbada, aurrea hartu nahi diote beren beldur honi: egunen batean jasan behar izatea, ordainetan, milaka urtetan zehar emakumeen kontra erabili duten bortxa. Simone de Beauvoirek XX mendeko hirurogeiko hamarkadan aurreikusi zuen emakumeei egindako erasoek gora egingo zutela etorkizunean, gizonezkoek ez zutelako nahi izango emakumeei lapurtu dieten boterea galdu. (3) (1) De Rougement, Denis: L'Amour et l'Occident, 1939. (Maitasuna eta Mendebaldea) Liburuak hamaika argitalpen izan ditu hizkuntza askotan. Aipatu edizioa: El amor y Occidente. Kairos Argitaletxea. Bartzelona, 1979. (2) Nenning, Günther: Wir Männer sind Schweine (Gu gizonok txerriak gara) izeneko artkulua. Neues Forum aldizkaria, 212 zenbakia. Viena, 1971ko abuztu/iraila. 25-29 orr. (3) Beauvoir, Simone de: Über den Kampf für die Befreiung der Frau (Emakumearen askatasunaren aldeko borrokaz). Alice Schwarzerrek egin zion elkarrizketa, Kursbuch aldizkarian argiratua. Rotbuch Argitaletxea, 35 zenbakia. Berlin, 1974ko apirila. 58-66 orr. Elur emankorra Batzuen begietan, elurrak giro erakargarri eta abegitsua sortzen du, gogoetei bidea ematen diena. Hala izanik, orrialde zuri idatzigabe baten antza hartzen du elurrak estalitako inguruak, norbaiten ekimenaren zain dagoena, hitzez edo zirriborroez hustasuna uxatzeko. Beste batzuentzat, aldiz, elurra atsekabearen adierazgarria besterik ez da. Irudi pozgabea, hitsa. Horren lekuko, Franz Schubert musikariaren Neguko bidaia izenburua duen Lied-saila. Bihozmina da Wilhelm Müllerren olerkietan oinarrituriko Lied edo abesti horien guztien ezaugarri nagusia: Alferrik nabil elurretan bila, dio bidariak Hozmindua izeneko poesian. (1) Haren maitearen oinatzak elurretan ezabatu dira betiko, hotz gordinak malkoak izoztu dizkio. Hilik dago dena. Hemen, edonola ere, elurrak Schuberti iradokitako musika askoz hunkigarriagoa eta ederragoa da, Müllerren olerkiak baino. Baina elurrak ez du zertan izan, ez antzua, ez hila, ez hutsa. Aitzitik, ekai guztiz emankorra eta bete-betea da. Hainbat hizkuntzatako esaera zaharrek ematen digute oparotasun horren berri. Euskaraz, adibidez: Elur urte, arto urte eta Ezkur urte, elur urte; edo Elur asko den urtean garia, erle asko dugunean eztia; baita Leia eta elurra, garia dakar eskura ere..., eta abar. Izan ere, elurra aro berri bat iragarri eta ekartzeko gai da, gerorako gordekinak eta ibiltarientzako bide-hornia bere baitan biltzen dituelako. Elurraren berezko betetasun hori ez da, bestalde, batere neketsua edo nahasgarria, lasaigarria baizik. Horrexegatik, oinek elur gainean kruk-kruk egiten dutenean, elurraren araztasun hori nahi genuke gureganatu, oinaze guztien zantzu ilunak desager daitezen betiko. Ezabatuko ahal ditu elurrak gure nahigabeak! Eta, bitartean, azalpean lo genuen geure euskarriraino iritsi gara, mara-mara ari duen elurrari esker. Elurretako isiltasun otzanak larridura oro baretu digu... Bada, elurrak hasiera berri batez erdituko dela hitza eman eta atxiki egiten du, erreka, ibai, eta uraren alde egiteko gertu egonik. Orain, ahots apal baten tantaka entzun dugu ezustean: elur urtu berria teilatutik behera ari da labantzen, bere buruarekin hizketan. Lurra jo du eta, dagoeneko, ur hutsa da lurrean ezkutatu eta galdu dena, urrutiko toki batean berragertzeko, ordea; hain zuzen, elurraren mintzo xume hark heldu nahi eta ezin izan duen toki horretan iturburu bat ageri da. Luisa Famosek, erromantxez idatzi zuen poetak, —alegia, Suitza Ekialdeko Alpeetan egiten den erretorromaniko hizkuntza zeharo gutxiagotua—, la naiv (elurra) baliatu zuen erditze eta geroko bere pozaz mintzatzeko: Itzartu naiz/ elur berriaz harriturik/ ene gorputzaren sugarrari/ dardara eragiten dion elur horretaz.../ Leihotik ikusten ditut/ elur lumak malo-malo/ laztanak bezain eztiak/ Dena dago/ geldi eta lasai/ zoriontasunez betea/ Besoetan daukat/ nire haur jaio berria. (2) Hain da berezia elurra, non gauza baita gu iraganera eramateko ere. Orduan iruditzen zaigu elur-maluta bakoitza etxera itzultzen ari den arbaso bat dela, gaueko izarrak hildakoek piztutako argitxoak omen diren bezala. Mendietan barrena sortu nintzen/ nire baitan elurrari/ antzematen diot..., idatzi zuen Luisa Famosek beste poema batean. (3) Zuek denak joan zineten/ aztarnarik utzi gabe/ hemen egon zineten/ ni baino hamaika urte lehenago / barruan eramaten zaituztet gaur./ Ene asaba horiek/ esaidazue arren/ nor naizen. (4) Zenbaitetan, berriz, elurrak ahalmen ezkutua daukala ematen du, hots, adurra; bereziki, zentzumenak zorabiatzen direnean nekaduragatik-edo. Horixe gertatzen zaio, adibidez, Leo Tolstoiren Elur-ekaitza ipuineko bidaiariari: elurra ari duen arratsalde batez zalgurdiz abiatu da estepa zuri zabalean barrena. (5) Gurdizainak, alabaina, laster galdu du bidea. Aurkitu du gero. Handik gutxira, okerreko bidea hartu du, berriro ere. Gauak aurrera egin ahala, jira-biraka dabiltzala ohartu da bidaria. Une honetan, elur-erasoaren erdian, zaldien txilin-hots liluragarriek ametsetako eremu batera eraman dute eta, izozteko eta hiltzeko arriskuaz ahaztuta, ametsetan murgildu da. Zorionez, zaldiek helmugara eramango dute gurdia eguna argitzean. Elurrari buruzko esandako guztiak gauza bitxi bat irudikatzera garamatza: Bibliako den mana hura, basamortuan sekula ikusi gabeko elurra izango ote zen? Ulertzekoa litzateke israeldarrek miraritzat hartzea ortzitik heldu zitzaien hezetasun ezagungabea. Goitik behera erori zena zuzenean jangarria omen zen, Bibliako irudi bidezko azalpen poetikoen arabera. Baina prosaikotasunez esanda, ezohiko elurte batek lur agorra ernaraziko zuen, beharbada, eta ondorioz israeldarrei jatekoa ekarri. (1) Neguko bidaia, Franz Schubertek (1797-1828). 24 Lied edo abestik eratutako zikloa, ahots eta pianorentzat; hil baino urtebete lehenago ondua, Wilhelm Müller (1794-1827) poetaren testuak erabiliz. (2) Luisa Famos (1930-1974). Eu am sdruagl surpraisa izeneko poematik. Eu sun la randolina d’ünsacura (Orduko enara naiz). Limmat Argitaletxea. Zürich, 2004/2010. (3) Aint in las muntognas poematik. Ibídem. (4) Vo tuots eschat passats poematik. Ibídem. (5) Tolstoi, Leo: Elur-ekaitza. (1856). (Gazteleraz: La tormenta de nieve. El Acantilado Argitaletxea. Bartzelona, 2012.) Maitasun “platonovikoa” Maitasun “platonikoaz” hitz egiten den bezalaxe, maitasun platonovikoaz ere hitz egin liteke: zalantzarik ez, Andréi Platónovek (1899-1951) errusiar idazle handiak merezia du, ongi merezia ere. Bada, Platónoven irakurleok maitasun mota berezi bati antzematen diogu haren idazlanetan, aski ezezaguna eta ezohikoa. Hori ulertzeko, Platónovek, hain zuzen, errusiar iraultza eta gerra garaietan idatzi zuela hartu behar da gogoan. Bada, haren idazlanetan gosea izaten da oinarri edo azpidoinu ozen moduko bat, istorioen hariaz haratago. Gose hori ez da, gainera, nolanahikoa, baizik eta populazio oso batena, hezur eta azalean erroak egin eta kroniko bilakatu dena. ; gose gorria, gosete amaigabea, alegia. Eta gizakiak ez ezik, basapiztiak, abereak, zuhaitzak, landareak... den-denak dira gose, egun eta gau. Zentzu horretan, gosea da nagusi Andréi Platónoven idazkietan. Alabaina, gosea ez da inoren jaun eta jabe, gose direnek ez diotelako jaramonik egiten. Beraientzat esan gabe doan zerbait da gosea. Ohituta daude egunero gose izaten, gauero goseagatik hotz izaten. Ohituta daude ere goseagatik ahuleziaz jaikitzen eta indarge oheratzen. Hari horretara, esan daiteke idazle errusiarrak gosea datxekion berezko unibertso bat osatu zuela maisukiro, non eguneroko bizitza —eta, oro har, bizia—, janari ezaren ikuspegitik heltzen zaion irakurleari. Baina Platónoven begirada urrun dago errealismo sozialistaren epikatik, gose diren Platónoven figura horiek ez baitira heroiak. Jendea jaio delako dago bizirik, ez etorkizuneko paradisuren batean sinesten duelako. Heriotza ere hala onartzen da, jabetasunez, betiere; hau da, gizakiok —beste izaki guztiak legez— hilkorrak garelako. Inork ez du hotsandiko ospe baten izenean heriotza bilatzen. Bizimodu zail horretan, zerk berotzen ote du Platónoven idazlanetako maitaleen gogoa? Bestelako gose batek, hots, jakin eta ikasi nahiak: iraultzak ateak ireki dizkie maitaleei eta sortu den haize-lasterrak neurrigabe erakartzen ditu. Eta Platónovek toki guztietara zabaldu den sukar berriaren argitan erakusten ditu elkar maite dutenen beso iharrak, aurpegi zurbilak, hanka makalak, jantzi hitsak eta nekatu itxura. Beraz, ikasteak du lehentasuna maitaleak bizi diren aro gorabeheratsu eta testuinguru gogorrean. Hori horrela izanik, maitaleek egun gutxi izaten dute elkar ezagutzeko eta elkarrekin bizi edo ezkontzeko. Era berean, bikotekideak, maiteminduta egon arren, banatu eta urrutira eramango dituzten bidaiei lotzeko gertu egoten dira, gogoz eta itxaropentsu. Ikasketak egitea xede badute ere, ikasmina ez dagokio soilik lanbide bat bereganatzeko edo alfabetatzeko asmoari, egunen batean eskuratutakoa gizarteari esker onez itzuli ahal izateko. Beste zerbait ere dago tartean: iraultza abagunea da bihotzak kapitalismoaren zapalkuntzak ezarritako barne bakardadetik askatzeko. Izan ere, Platónovi ardura zaio bakoitzak bere izaera eta nortasuna garatu ahal izatea, Leninek lortu nahi zuen "elektrifikatzea" eta bizi-baldintza materialen hobetzearekin batera, jakina. Platónovek Dzhan eleberrian idatzi zuenez, esklaboen lanek eta zapalkuntzak berak... inoiz ez dute bakar-bakarrik indar fisikoa agortzen eta ahitzen. Burua eta bihotza ere ahultzen dituzte, norberaren gogoa izaten delarik xurgatzen duten lehena. Horren ondorioz hasten da gorputzaren gainbehera. Une hori heltzen denean, gizakumeek heriotzean izkutatzen dute bere burua eta lur barnera abiatzen dira, gotorleku batera bezala babes bila, ulertu gabe zainak hutsik dituztela eta beren bizitzaren muinetik bananduta bizi izan direla. (1) Maitasun platonikora itzulita, berriz, zer zen Platon filosofoarentzat maitasuna? Maitasun platonikoaren gaurko erabilerak —alegia, maiteminduen sexurik gabeko harremana— ez du zerikusirik filosofoaren jatorrizko irakaspenekin. Oturuntza dialogoan, Eros izena duen maitasuna bizi-indar baten antzekoa da, maitaleen gogo bizia eta helburuak sustatzen dituen daimon bat. Filosofoaren iritziz, maitearen azaleko edertasunak liluratzen du maitemindu berri den hori. Geroago, barruko edertasunik ere badagoela ohartuko da, nori eta hain maite duenari esker. Horrekin batera, gabezia sentipen sakon bat ere sortuko zaio maitaleari. Eta sumatzen duen hutsune mingarria beteko dion zerbait bilatzeari ekingo dio. Azkenik, gizabanako bakar baten edertasuna bakarrik ez, edertasuna bera ere ezagutu nahi izango du maitaleak, horixe delako errealitate gorena eta gauza eder ororen iturburua. (2) Aipatu Oturuntza dialogoan Diotima filosofo andre apaizak ongi azaltzen duenez, azaldutako bide hori behin urratuta, maite dutenen ekintza eder guztien eragile bilakatuko da Eros. Orobat, maitasunaren alderdi etikoa gorpuztuko du, sormena ernatzen duelako, maitaleek bidaia egin dezaten jakintzaren eta ezagutzaren herrialdeetara, urratsez urrats eta mailaz maila. Hortaz, Platonek ez du erotismoa gaitzesten; aitzitik, baliozko eta beharrezkotzat jotzen du, hasieran pizgarri izango delako hasieran, eta ondoren, goi arnas itzalezin bihurtuko delako. Bestalde, Andréi Platónoven pertsonaiak Platonen maitaleak bezain jakin zaleak dira. Areago, badirudi filosofiarako ere gai direla, Platon filosofoak zehaztutako bidearen mailak eta pausoak egin beharrik izan gabe. Agidanez, Platónovek idazten duen herriak bestelako eskarmentua du. Horrexegatik, haren istorioetako lagunek bide desberdina hartzen dute, non gorputzen arteko greziar erotismoa lekuz kanpo geratzen den. Honek guztiak erlatibizatu egiten du greziar filosofoaren irakaspenen unibertsaltasuna eta orduko Greziako bizi-giroan kokatu zehazki. Ildo beretik, Platónoven maitasunak une oro hartzen du barne senide eta lagunen arteko maitasuna; hots, Platonengan —ez Eros—, baizik eta Philiá dena Lisis edo laguntasunaz dialogoan. Andréi Platónoven maitasuna, aldiz, bat bakarra da izaki guztiekiko: estepan alderrai dabiltzan piztiak, lehorteagatik erori diren hostoak, adar ihartuak, belar-izpi zimelak... Guztien patuaz da kexu, denengatik hartzen du min eta denekin hitz egiten du maitekiro. Baita herritarrek bizirik irauteko ezinbestekoa den lokomotorraren makineriari ere mintzo zaio, adibidez. Berebiziko sentiberatasun horretan datza, besteak beste, maitasun “platonovikoa”. Greziarren arteko Ágape antza badu ere, jainkorik gabea da. Gainerakoan, Platónoven idazlanetan antzinako atxikimendua naturarekiko ageri da, bai eta ametsetako kutsua duten xarma eta lañotasuna. Istorioak errealitate eta irrealtasunaren arteko mugetan gauzatzen dira, herri-ipuinak ekartzen dizkigutelarik gogora. Horri guztiari zor zaio Platónoven idazkien berezko aura. Ez da harritzekoa Platónovek argitaratzeari utzi behar izana iraultzaren burokratak gailendu zirenean. Stalinek ezin zuen onartu hain irudimentsua eta askea zen Platónoven materialismo mota. Idazleari "zital" etiketa ipini eta, zigortu nahian, haren hamabost urteko semea sartu zuen kartzelan. Zorionez, idazlea onik irten zen jasan behar izan zuen bidegabekeriatik eta idazten jarraitu zuen, haize kontra. Mutilak sei urte egin zuen giltzapeturik. Platónov, berriz, semeak kartzelatik ekarritako hetikak jota hil zen. Idazlearen eskuizkribuak galdu ez ziren arren, ilunpetan egon ziren hainbat urtetan, harik eta, zailtasunak zailtasun, haiek argitaratzeko aukera sortu zen. (1) Platónov, Andréi: Dzhan (1935). (Gazteleraz: Dzhan. Fulgencio Pimentel Argitaletxea. Logroño, 2018. (2) Fedro edo Edertasunaz izeneko dialogoan ere mintzo da Platon maitasun mota horretaz. Papagaien hizkuntza-baliabide filosofikoez Alfonso Sastrek Los traductores también piensan (Itzultzaileek ere pentsatzen dute) izeneko artikuluan esan zuenez, itzultzaile onak sortzaileak dira, halabeharrez. (1) Itzulpen orok hizkuntzen arteko elkarrizketa emankor bati ematen dio bidea; zer esanik ez, filosofiaren alorrean ere bai. Jakina, filosofia euskaraz sustatu eta berezko pentsamendu bat osatu nahi izatea idazlan filosofikoen itzulpenak egitea baino gehiago da. Areago, aldarrikatzeak itzultzea ez dela aski eta filosofia zuzenean euskaraz sortu behar dela, bitartekaritzarik gabe, ez du, inola ere, gai honi buruzko eztabaida agortzen. Egia bada ere ezinbestekoa dela filosofia euskaraz egitea, euskara erabiltzea ez da nahikoa izango, baldin eta —erabiltzeaz batera— hizkuntzaren baliabideei buruzko hausnarketa kritikorik ez bada egiten. Hasteko, behar-beharrezkoa da ikertzea zeintzuk diren euskarak berak eskaintzen dituen aukerak, beste hizkuntzetako terminoen kopia automatizatuak, mamirik gabeko kreolera eta bestelako mutanteak euskarazko testu filosofikoetatik baztertze aldera. Imitatzeko joera kaltegarria da, bai hizkuntzarako, bai eta pentsamenduaren jarduerarako ere. Joxe Azurmendik azaltzen digu Herri Gogoa izeneko liburuan nola nabarmendu zuten XIX. mendeko filosofo alemaniarrek lotura bat dagoela hizkuntzen eta mundu-ikuskera anitzen artean. Eta horretarako, Wilhelm von Humboldten ondoko tesi honetara jotzen du: Lurra, gizakia eta hizkuntza, banaezinki batean haziak dira. (2) Izan ere, hizkuntzak ez dira beste planetatik heldutako izaki abstraktuak, hainbat osagairen emaitza baizik. Bada, hizkuntzak ingurune jakin bati loturik jaio eta hazten dira, inguru hori beren baitan jaso eta aditzera ematen dutelarik. Era berean, hizkuntzek bilakaera bat izaten dute: garatu eta eratu egiten dira denboran zehar; ez diote aldatzeari uzten bizirik dauden bitartean. Alabaina, hizkuntza batek bestea xurgatzea ez da hizkuntzaren aldaketa soiltzat hartu behar, hizkuntza ahulagoaren gainbeheraren adierazletzat baizik. David Crystal hizkuntzalariak Language Death (Hizkuntza-heriotza) izeneko liburuan erakusten du nolakoa ohi den galtzeko zorian dauden edota gutxiagotzen ari diren hizkuntzen ibilbidea; alegia, nola urritzen eta urratzen diren hizkuntza horiek, eremuz eremu, erregistroz erregistro, mailaz maila. (3) Bada, hiztunei apurka-apurka murrizten zaizkie elkarrekin komunikatzeko bideak, harik eta indartsuago den hizkuntzak bestea alor guztietan ordezkatzen duen arte. Bestalde, mintzatzeko ahalmena nahitaezko baldintza da giza pentsamendurako. Halaber, pentsamendua ezin daiteke hezurmamitzen den hizkuntzatik banatu. Horrexegatik, hizkuntza gutxiagotuak oztopo izaten dira hizkuntza-ordezkapena jasaten ari diren hiztunen pentsamenduaren garapenerako. (4) Hiztun horiei kamustu egiten zaizkie hitz egiteko tresnak: batetik, erabiltzen dituzten bi hizkuntzetako bat —hots, ama-hizkuntza— gero eta mugatuagoa da; bestetik, hiztunek ez dute oraindik ondo ezagutzen beren hizkuntza ordezkatzen ari den hizkuntza nagusi berria. Hiztun horiek, ondorioz, ez dira gai izango erraztasunez mintzatzeko edota pentsatzeko, ez hizkuntza batean ez bestean. Ildo beretik, hizkuntza nagusiaren esapideak, egiturak eta terminoak boterearen adierazgarri dira, itzal handikoak eta erakargarriak, ate zabal bat maileguentzat. Eta mailegu hartutakoek betiko geratzeko joera dute, nahiz eta hiztunek, maiz, haien esanahi eta erabilera zehatza ezagutu ez. Gainera, mailegu bakoitza hizkuntza arrotzean zegozkion erabilpen-arlo guztietara hedatu ohi da atzera egiten ari den hizkuntzan. (5) Ezari-ezarian, galtzen ari den hizkuntza hizkuntza nagusiaren simil bilakatzen da. Zoritxarrez, hizkuntzaren asimilazioak kulturarena ere ekarriko du berekin. Hari horretara, itzultzaileek eskarmentuz dakitenez, hizkuntza batetik bestera iragaitea ez da ekuazio bat ebaztea bezalakoa. Hizkuntzen arteko parekotasunak ez dira matematikoak, itzultzaileen betekizuna hizkuntzen arteko hartueman semantikoak ahalik eta ongien zedarritzea den arren. Arinkeriaz hautua egiteak kopiaren alde hizkuntza antzutzen du. Kale itsu batera eramaten ditu hiztunak. Hori dela eta, hizkuntzak sortzailea izateko gaitasuna galtzen du. Ez da gauza bere erara irudiak lotzeko edo termino berriak asmatzeko barruko legeari jarraiki. Aurrerantzean, elur-bola baten antzerako bidea egingo du, hizkuntza gero eta abiadura handiagoaz desagertzen den bitartean. Euskararen egoerara itzulita: euskara hizkuntza minorizatua eta isolatua da. “Isolatua”, kide bakarreko familia bat osatzen duelako gaur eta ez delako egon, orain arte, euskara munduko hizkuntza-familietan sailkatzerik. “Minorizatua”, Euskal Herrian egiten diren hiru hizkuntzen artean ez dagoelako orekarik. Bi buru dira eta bat, mendeko. Bi gailendu dira, euskara azpiratuz. Horrezaz gain, tipologia aldetik euskara hurbilago dago, egotekotan, urruneko herrialdeetan egiten diren hizkuntzetatik, indoeuropar iturburua duten frantses eta gaztelera auzoko bi hizkuntza nagusi erromanikoetatik baino. Honi exodiglosia esaten zaio, zeina ez baita, inola ere, elebitasuna, ez eta diglosia ere, diglosia hurbileko senideak diren bi hizkuntzen bizikidetzari baitagokio. Hala bada, euskara hizkuntza erromanikoen ondo-ondoan bizi denez, Hegoaldeko hizkuntzaren hainbat funtzionariok erdaldunen ikuspegia bere egin dute. Eta euskara egokitzen eta ulergarriagoa egiten ahalegintzen ari dira, euskara ikasten ari direnei laguntzeko edo ulertzen ez dutenei ez galarazteko asmoaz. (7) Agian, jarrera horrek bitartekaria izan nahi du. Edonola ere, gazteleraren antz handiena duten gramatika-egiturak eta gazteleratik mailegatutako hitzak lehenesteak, ez du, epe luzean, arrakastarik izango. Aitzitik, euskara eta inguruko hizkuntzen arteko aldea hain da sakona, non alfer lana den hortik jotzea. Halako erabakiek euskararen berezko baliakizun, lanabes eta bitartekoei gaitz egiten diete eta hizkuntzari bizia laburtu. Euskarak iraungo du hiztunek haren ezaugarri eta berezitasunei eusten badiete. Testuinguru honetan, filosofo eta pentsalariek urrats bat egin beharko lukete, erakutsiz euskarak mendebaldeko filosofia jaio zen grekerak baino erro, kontzeptu, eta eduki zaharragoak —eta ezezagunagoak— atxiki dituela eta merezi duela alderdi horiek jorratzea. Bikaina da Anjel Goenagaren ekarpena, "gogo" eta "huts" kontzeptuei dagokienez. (6) Orobat, filosofoek frogatu beharko lukete euskara baliagarria dela filosofia egiteko, funtsik ez duen kopia erdaratu bat izan gabe; bai eta euskarak mendebaldeko filosofia aberats dezakeela ere, aro bateko jakintzaren lekuko bakarra izanik. Hortaz, euskarak mendebaldeko filosofian bide berriak urratzen lagun dezake. Euskararen balio hori agerrarazi beharra dago. Zoritxarrez, ia-ia jorratu gabe daude egun euskararen ibilerak eta aukerak pentsamenduaren barna. Garrantzitsua litzateke, papagaien antzera jokatu ordez, sormen-bidaia filosofikoetan hizkuntzaren jatorrizko baliakizunei buruzko lana egitea... Hain zuzen, filosofoek ez lukete hizkuntzarekiko ardura hori huts egin beharko. (1) Gara egunkarian argitaratua. 2011.02.19. Ikus www.sastre-forest.com/sastre/pdf/traductores.pdf (2) Azurmendi, Joxe: Volksgeist Herri gogoa: Ilustraziotik nazismora. Elkar. Donostia, 2007. 20 orr. I. atalean hizkuntza eta nazio-izaerari buruz aritzen da (12-35 orr. ). (3) Crystal, David: Language Death (2000). Gazteleraz: La muerte de las lenguas. Cambridge University Press. Madril, 2003. (4) Soziolinguistikan, "hizkuntza gutxiagotua” edo “minorizatua" esaten zaio bere historian zehar zapaldua, debekatua eta gizartean bazterreratua izan delako atzera egiten ari den hizkuntzari. (5) Adibidez: “pasatu” mailegatzen hasi zenetik, gazteleraz dituen adiera ia guztiak bereganatu ditu euskarak. Diccionario de la Lengua Española-n agertzen diren “pasar” aditzaren 43 adieretako gehienetan erabiltzen da euskaraz ere “pasatu”, “igaro”, “iragan”, “gertatu”, “eman” (“urteak eman”), “amaitu”, “sartu” (“sartu gelara”), “ekarri” (“gatza ekarri”) eta beste hainbaten kalterako. (6) Esate baterako, Habeko Laugarren maila egiteko ikastaroetan erabiltzen diren irizpideak. Bakar bat aipatzearren, hizkuntza indoeuroparren "subjektu-predikatu-objektu"-aren hurrenkera-egitura lehenesteko gomendio orokorra. Ikastaroetan esan gabe doa euskarak "arazoak" dituela, ez soziolinguistikoak, baizik eta hizkuntza korapilatsua den aldetik. Joera dago ere sinesteko euskarak hainbat kontutan erdarara egokitzeko beharra daukala ulergarria izateko. Baina hizkuntzak ez dira, berez, zailak edo errazak eta hemen, argi denez, kanpotik begiratzen zaio euskarari. Euskara zaila izan daiteke hizkuntza erromanikoetatik hurbiltzen zaion hiztunarentzat. Hizkuntza erromanikoak, berriz, zailak dira, erromanikoa edo indoeuroparra ez den hizkuntza batetik abiatuta hurbiltzen zaionarentzat. (7) "Gogo" ondoko testu hauetan aztertu zuen Goenagak: Gogo en Dechepare. Fontes Linguae Vascorum I I I (1971). 15 orr. ; Gogo en refranes antiguos. FLV I I I (1971). 25 orr. ; Gogo en Tartas, FLV III (1971). 181 orr. ; Gogo en Leizarraga. FLV IV (1972). 229 orr. ; Gogo en Axular. FLV (1973). 185 orr. Eta "huts" kontzeptuari buruzko idazlana: Uts: La negatividad vasca. Leopoldo Zugaza Argitaletxea. Durango, 1975. Erdaltzain irrealen lanak eta lorrak Behin batean, Iberiar penintsulako Erdaltzaindi Irrealeko kide bat ohartu zen, harridura handiz ohartu ere, gaztelania polisemiaz josita zegoela; alegia, hiztunek maiz hitz bakar bat baino ez zutela adiera anitzak emateko. Hau nazka!, esan omen zuen erdaltzain hark erdaltzainen batzar batean, gau osoa itzarrik eman ondoren. Gaztelaniazko lexikoa ez da batere zehatza; aitzitik, nahaspilatsua da, oso. Nola eman ote ditugu hamaika mende adiera lausoen nahasmendu honetan murgildurik? Ulertezina zait orain arte gutariko inor arazo horretaz jabetu ez izana. Testuinguru lorios honetan, gogora ekarri behar da, bide batez, Iberiar penintsulako hizkuntza-egoera erabat "normalizatua" zegoela ordurako, garai haietan esaten zenez, eta herri-hizkuntzak ez zeudela ez debekatuta ez oso gaizki ikusita ere. Hala, aipatu erdaltzain irrealak "sueño" hitza hartu zuen hizpide lankideei gaztelanariaren zehaztasun eza zein kezkagarria zen erakusteko. Gauero lo nahiko gaizki egiten zuenez, ulergarria da, hain zuzen, "sueño" hitza izatea burura etorri zitzaion lehena. Eta egia da: Sigmund Freuden Ametsen interpretazioa lehendabiziko aldiz gaztelerara itzuli zuenari buruhausteak ekarri zizkion —aleman hizkuntzak ongi bereizten dituen_ Traum (“amets") eta Schlaf (“lo" eta “loaldi”) ongi emateak gaztelaniaz. (1) Iberiar erdaltzain hark aurrera egin zuen: Aspertuta nago ingelesera jotzen, ez bakarrik teknikaren esparruan, baizik eta eguneroko hizkera arrunt-marruntaren erabileran ere. Nire iritziz, Iberiar penintsulako beste hizkuntza ofizialetara jo beharko genuke laguntza bila. Zeren lotsa gara? Iberiarren arteko hizkuntza-maileguak tresnarik onena izan daitezke jasaten ari garen egoera petral onartezin honi amaiera emateko. Erdaltzainek aho batez txalokatu zuten ekimen berria. Bazen garaia gaztelaniazko lexiko zaharkitu eta iluna garai modernoetara egokitzeko. Hortaz, gogo handiz ekin zioten gaztelaniaren ikerketa sakonari, hizkuntzaren akatsak, makurrak eta baliabideen urritasuna zenbait arlotan agerian uztea helburu. Euskaltzaindi Irrealeko kideek eta hizkuntzaren euskal funtzionarioek zein hiztegigileek egina zuten antzeko zerbait; hau da, dena hankaz gora eta zalantzan jarri ondoren, hizkuntzaren —ustezko— "barne arazoak" konpontzea. Hasteko, behar-beharrezkoa zen "sueño" hitzaren polisemiari sendabide linguistiko bat asmatzea. Hartan, erdaltzain ausartenetariko batek proposatu zuen, nondik eta euskaratik hartzea maileguak, haren iritziz, euskara hizkuntza ezin zehatzagoa zelako amets eta ameskizunei zegokienez, behinik behin. Adibidez, Calderon de la Barcaren La vida es sueño-ren ordez, aurrerantzean La vida es amecha hobetsi beharko zen, anbiguotasuna saiheste aldera; "ch"-z, jakina, erdal fonetika eta grafia lehenetsirik. Nola ulertu, bestela, zein "sueño" motaz aritu zen Calderón? Loaldiaz? Loguraz eta oheratzeko premiaz ote? Itxaropenaz edo etorkizunera begirako desio batez? Lotan agertzen diren irudiez, agian? Kito eman behar zioten, behin betikoz, gaztelaniaren ezinari ezer zehazteko orduan. Apurka-apurka, gaztelaniaren urritasunaren kontzientzia zabalduz joan zen. Kontzientzia horrek itzulpenak ere hartu zituen menpe. Esaterako, erdaltzain irrealek garatutako logika berriari jarraiki, Martin Luther Kingen hitzaldi ospetsuaren izenburu hura: I have a dream laster Tengo un amecha bilakatu zen. Ildo beretik, Erdaltzaindi Irrealeko beste kide batzuek proposatu zuten haurrek "Qué sueño tengo" klasikoa ez, baizik eta "Qué logura tengo" berritzailea esan beharko zutela. Ezin uka, azken honek bete-betean ematen du aditzera zer esan nahi duten haurrek egunabarreko ordu latzetan negarrari ematen diotenean. Helduek, berriz, huts linguistikorik ez egiteko, bazkalosteko "Quiero echar un sueño" zalantzagarriaren ordez, "Quiero echar una loculusca" biribila erabili beharko zuten. Goizean, alabaina, "El vago de mi marido aún no ha despertado de su loaldia" izango zen zuzenena handik aurrera, argi eta garbi. Bitxia badirudi ere, hizkuntza eta kultura arrotzek xarma berezia hartzen dute herritarrak asperturik dabiltzan garaietan. Gainera, une hartan Euskal Herriarekin zerikusia zuen guztia chic eta erakargarria izaten hasia zen; besteak beste, Basque Culinary Center eta itsasontzi erraldoietako turismoari esker. Ezustean, laster hedatu zen gizarte osora erdaltzain irreal jakintsuen joera, betiere "Mailegatzen dut eta harro nago" lelopean. Jende guztia lotu zitzaion lanari eta gaztelaniak gudu-zelai baten antza hartu zuen, non euskarakadak gero eta ugariagoak ziren, ez hankarik ez bururik ez zutenak barne. Bereziki, eskasia eta ahulezia kognitiboan nahiz linguistikoan bizi zirenek egin zioten men trend berriari. Batzuek, ezinbestez edo kemenik ezaz; beste batzuek, ostera, gogo biziz. Bestalde, hizkuntza-erakundeetako langileek, erregeak baino erregetiarragoak berauek, erdaltzain irrealen iradokizun bat —irmoa eta sendoa, hori bai— besterik ez zena, azken korronte linguistikotzat jo eta beretu egin zuten. Eta mota guztietako hizkuntza-azterketetan burdinezko arau baliatu zuten. Zoritxarrez, irizpide berriek kalte nabarmena egin zioten hizkuntzaren berezko orekari, hainbat eremu terminologiko hankamotz utziz. Nolanahi ere, gomendioa zen, jatorrizko gaztelania zaharkitu eta ez-zehatza gainditzeko bidean zalantzarik sortuz gero, euskarazko maileguak aukeratzea, badaezpada. Bitartean, erdaltzain irrealetariko inor ez zen ulertzeko gai nola lortu zuen Cervantesek Kixote Mantxako bere idazlan bikainean "sueño"-ri buruz hainbat gogoeta egitea, "sueño"-ren esanahi desberdinetarako hitz bakar bat erabiliz; esan nahi baita, nola moldatu zen Cervantes espainiar "sueño" hitz ilunarekin aski izateko Kixote Mantxakoan. Adibide askoren artean bat hautatzearren: Loak gauza txar bakar bat omen du, hots, herioaren antza daukala..., —Santxok esana—, honela izango beharko zen engoitik: "Sola una cosa mala tiene la loa, según he oído decir, y es que se parece a la muerte..." Mailegu horrek lagundu egingo zien gaztelaniazko hiztunei Cervantesen testua ulertzen; areago, Kixote Mantxakoaren itzulpen-lanak erraztuko zizkien itzultzaileei. Hurrengo erronka Goya margolariaren lan txit ospetsu baten izenaren eskutik heldu zen. Izan ere, Goyaren El sueño de la razón produce monstruos irudiak mailegu berri bat eskatzen zuen. Erdaltzain irrealek horri buruz luze jardun eta gero, El amesqueria de la razón produce monstruos proposamenak irabazi zuen erdaltzain irrealen bozketa; azken batez, euskarazko hitz horrek ematen du hobekien Goyaren grabatu ile-lazgarriaren berri; "-keria" atzizkiari esker, jakina. Hala eta guzti, zein leku beteko zuen etorkizunean "sueño" hitz zahar eta xinpleak gaztelaniaren berrantolaketa berriaren barruan? Ez al ziren aski "amecha", "amesqueria", "loculusca", "logura", "loaldia", "loa"... "sueño" izandakoaren ñabardura guztiak jasotzeko? Horrela, egunetik biharrera, hiztunek hitz jasotzat hartu zuten "sueño, jasoegia nonbait, nahiz eta —zuela gutxi arte arrunta eta mende askotan zehar— eguneroko bizitzan ezinbestekoa izan. Handik gutxira, maisukeria maite zuten banaka batzuek baino ez zuten "sueño" erabiltzen. Hitz bat erdi ahaztua, alferrikakoa. Gaztelaniazko hiztegietan gurutze bat ondoan zeukala hasi zen agertzen. Iragarritako heriotza baten kronika. Bada, askotan inguruko hizkuntzei etengabe begira egoteagatik gertatzen den horietako bat. Maileguak mailegu, gaztelaniazko hiztunek ez zuten beti dena argi izaten. Batzuetan, bikotekideek, elkarrekin haserretzen zirenean, ez zuten ongi jakiten zer esan behar zioten elkarri: "Me quitas el amecha" edo, aitzitik, "Me quitas la logura?". Ez da erraz argitzen "Me quitas el sueño" esapide herrikoia zeri dagokion. Baliteke bikotekide batek besteari leporatu nahi izatea bizitzarako dituen ametsak oztopatzen ari zaizkiola; bestetik, aurpegiratze prosaikoago bat egon daiteke tartean; demagun, maitaleak ez diola uzten gauez lo egiten, besterik gabe. Beraz, bukatzen ez zen soka bilakatu zen erdaltzainen zeregina, kontuan hartuta ordura arte "sueño" baino ez zutela jorratua. Dena den, gaztelaniaren hizkuntza-arduradunek nahaste-borraste sortu berri hura gaztelaniak hain beharrezko zituen berrikuntzaren eta normalizazioaren adierazle kaltegabetzat hartu zuten. Geroztik, ez zen atzera egiterik egon. Gauza azkar doaz. Hiztunak aurrekoaz ahaztu ziren. Eta kontuak porrotaren kutsua zuen arren, bizilege batek dioenez, —zaharra dena, paradoxaz— istorio zaharrak atzean utzi behar dira berriei tokia egiteko. Edonola ere, gaztelania zuzentzeko eta berritzeko neurri iraultzaile haiek izandako arrakasta ikusirik, frantses hiztunei ere mailegatuetara jotzeko gogoa piztu zitzaien. Han ere txakurrak oinutsik. Ondorioz, pomme de terre (euskaldunek lotsaz bazterturiko lursagarraren parekoa) zokoratu zuten betiko. Ordutik aurrera, Quebec-eko patate baino ez zuten onartu, zenbaitek Kartoffel nahiago bazuten ere. Baina gauza horiek hot potatoes direnez, beste baterako utziko ditugu. (1) Luis López Ballesteros y de Torres, hain zuzen. Berg, heil! Demagun bidaiari bat —batere aurreiritzirik gabea eta, hain zuzen, euskalduna,— heltzen dela egun batean Les izeneko herrixkara, egun euskaraz egiten den eskualdeetatik urrun dagoena, ehunka kilometrora. Demagun lagun hori ez dela Larramendi edo Sabino Aranarengatik lotsatzen, baina ez eta harropuzten ere. Baliteke bi horiek ez ezagutzea ere. (1) Hara!, esan du balizko bidaiariak, agian herri honetan “les” bat dago, hots, leizea, eta hortik datorkio izena herriari... Senak hala eman diolako zuzenean jo du lestarrengana bere susmoa egia den ala ez argitzeko. Herrian esan diotenez, leize bat dago. Eta leizeari buruz, nola ez, elezaharrak. Ohikoak: kobazuloan sorginak bizi izan zirela, edota bertan elkartzen zirela. Asko dira Pirinioetan “Les-” erroa duten toki-izenak. Dirudienez, erro hori Akitania zaharrean egon zen “Lex” izeneko jainko bat zor zaio. (2) Alabaina, alderantzizkoa da kontua: toki-izenak ez dira jainkoaren izenetik eratortzen; aitzitik, Lex izenak kobazuloa esan nahi du, hain zuzen. Eta jainko hori egoteak eta gurtua izateak kobazuloen garrantzi berezia ematen du aditzera. Alegia, giza oroimenean sakratuak dira leizeak, euskarazkoa ez den hitz bat erabilita. Zergatik? Asaba zaharrak haitzuloetan bizi eta hil zirelako. Ildo horretatik, erlijio askotako kide eta profetek ere leizeetan ematen dute maiz beren bizitzaren garai bat, gerora goi-argiturik irteteko. Era berean, haitz batzuk ez dira gurtuak izan —bat aipatzearren, Europako Haitzetako Peña Santa— Pedro Deunagatik, baizik eta Pedro apostoluak zor dio bere izena harrien aspaldi-aspaldiko izaera santuari. (3) Bada, Les izena daukan herrira heldu ziren lehen gizakiek kobazuloa aukeratu zuten bizileku. Leizea da herriaren jatorria eta, zentzu horretan, aintzat hartu behar den toki bat. Kobazuloarekiko begiruneak arbasoekiko esker ona erakusten du, beraiek egin zutelako ingurua bizitzeko egoki, bai beren buruarentzat, bai hurrengo belaunaldientzat ere. Beste hau ere erakusten du kobazuloen gurtze horrek: hasiera oro eta biziaren sorburua denarekiko miresmena. Bizigune hautatutako leize-zuloek eskura izaten zuten bizitzeko ezinbestekoa zen guztia: erreka bat, iturburu bat, ehizakiak..., eta abeltzaintzak aurrera egin ahala, larreak luberritzeko aukerak ere bai. Batzuetan, ur epelak egoten ziren gertu, bereziki, Pirinioetan: gaurko bainu-etxeak, Historiaurrean ere estimatuak osasungarriak izateagatik. Beraz, kobazuloak sakratuak ziren eta jainkotasun bat zegokien, Akitanian Lex izeneko jainko bat egoteak argi erakusten duen bezala. Ez dakigu, bestalde, latinetik datorren “sakratu” hitzaren kiderik-edo egongo ote zen euskaraz. (4) Erromatarren artean, jainkotasun baten eraginpean edo eskumenean zegoen eremua hartzen zen sacer-tzat. Eta orduko jainkoak, eremu horren zaindariak eta babesleak ezezik, zigor-ezarleak ere baziren. Hortaz, sacer latinezko hitzak “madarikatua” esan nahi zezakeen ere. “Sakratu” hitzaren ordaina alemanez, aldiz, heilig da, heil-tik datorrena. Heil, berriz, “osasuntsua”, “zorionekoa”, “osoa”, “kaltegabea”... da. Adibide bat emateko, alemanez egiten den lurraldeetan, mendizaleek Berg, heil! esaten diote elkarri mendi bateko gailurrera iristen direnean; ez neonaziak direlako, baizik eta mendia (Berg) heil delako. Antzeko zerbait da ingelesezko holy (sakratu), zeina whole (osoa) hitzaren senidea baita. Edota ingelesezko Hail!, zori ona opa izateko agur-hitza dena. Edonola ere, nortzuk izango ziren Les herriko sorginak eta belagileak? Emakume haiek herri zaharren ordezkariak dira, nolabait esateko, beste hainbat herrialdetako jakintsu, sendagile, xaman eta druidak bezala, paganoak izateagatik gaitzetsiak; hau da, lehen lestarrak, kristau fedearen aurreko bizilagunak. Batetik, herriaren irudimen emankorrak edertu ditu istorioak; bestetik, desitxuratu, besteak beste, geroagoko Inkisizioari izandako beldurragatik. Baina elezahar horiek beste garai nahiz bizimodu bateko lekukoak dira. Eta kultura hura azpiratua izan den arren, sorgin bilakatutako emakumeek oraindik gorpuzten dute aro bateko zerizana. Izan ere, bidaiari euskaldunak poz har dezake Les herriaren euskal sustraiari antzeman diolako. Areago, Joan Corominas (1905-1997) hizkuntzalariaren Pirinioetako toponimiari buruzko lan bikainari esker, bidaiaria ez da inoren aurrean barregarri geratuko euskararekiko lotura bitxi hori egiteagatik, nahiz eta Les Mediterraneoko itsasotik hurbilago egon, euskara erabat galdu ez den Kantauri aldetik baino. Beste hariko ezpala da, ordea, euskal jatorriko toponimoen bilaketari lotzea Pirinioak ez diren gaurko Espainia edo Frantziako gainerako eskualdeetan. Wilhelm von Humboldtek Iberiar penintsulako lehen bizilagunez eta euskal hizkuntzaz 1821an egindako ikerlanaz geroztik adituek ez dituzte toponimoak behar bezala aztertu, Errioxa, Burgos eta Akitaniakoak salbuetsita. (5) Hori dela eta, Pirinioetatik haruntzago aritzeak, Corominas bezalako inoren sostengua izan gabe, esker txarra ekar dezake berekin: aisialdiko etimologoak gaizki ikusita daude. Nolanahi ere, zenbat eta mendian barrenago ibili, hainbat eta euskal errodun leku-izen gehiagorekin egiten da topo. Biztanle gutxiko paraje ahaztuak, goi larreetako artzainen ibilbideak, edo ia-ia soilik mendizaleak iristen diren bazterrak parada ona izaten dira, euskararen laguntzaz, esanahi zaharrez jabetzeko. Denborak eraldatu ditu; halere, garrantzitsua da in situ jardutea, egiaztatu ahal izateko noraino toponimo horiek bertako orografiari eta landarediari dagozkien ala ez. Zoritxarrez, hizkuntzalariek liburutegietan egiten dute lan eta agiri zahar eta bibliografiara jotzen dute, tokian tokiko eta begi hutsezko behaketaren ordez. Horrela, ez dute ere ahoz aho jaso diren izenen berri izaten. Etimologia xelebreak eta itxuragabeak egiteko ohitura oso zabaldua dago, zalantzarik gabe. Bidaiariek ez diote, haatik, beren zaletasunari zertan utzi, baldin eta zentzuz ekiten badiote beren bilaketari. Halako zaletasuna abagunea da, gainera, inguruari bestelako begirada bat emateko bidaiatu bitartean, euskararen aldeko hipotesiak den-denetan betetzen ez badira ere, jakina. (1) Manuel Larramendi (1690-1766), idazle jesuita. Haren lan ezagunena hauxe da: El imposible vencido. Arte de la lengua vascongada (1729). Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuence, Latín (1745). Bertan dauden hutsek bidea eman dute Larramendi arbuiatzeko. Antzeko zerbait gertatu zen beranduago Sabino Arana (1865-1903) eta beronen oinarririk gabeko neologismoak eta etimologia zentzugabeak zirela-eta. (2) Rodrigo Pita Mercèren arabera, Les herriko oraingo izena Lex izeneko jainko batetik eratortzen da, zeina eskualde horretan agertzen den erromatarren garaiko zenbait oroitarritan. Ikus Argensola: Revista de Ciencias Sociales del Instituto de Estudios Altoaragoneses. 31 zenbakia. 1957. 181-202 orr. (3) Peña: haitz, gazteleraz. Eta Petrus: harria latinez. Jesusek Simon apostoluari emandako izena da Petrus, San Mateoren araberako Ebanjelioan. (4) Testuinguru honetan, "sakratu" edo "santu" esan daiteke; edo "guren" ere bai. Badirudi azken honek “goren” (bikain) hitzarekin duela zerikusia. (5) von Humboldt, Wilhelm (1767-1835): Prüfung der Untersuchungen über die Urbewohner Hispaniens vermittelst der Baskischen Sprache. (1821) (Hispaniako jatorrizko biztanleei buruzko ikerketen egoera euskal hizkuntzaren bitartez). Horren harira, Txillardegi idazle eta hizkuntzalariak ez zuen hipotesi ausartik egin gaia Euskal Herria Helburu izeneko lanean jorratu zuenean. Baina liburuan azaldu zuen zertan zegoen orduan euskararen hedadura historikoaren ikerketa. Alvarez Enparantza, Joxe Luis (Txillardegi): Euskal Herria helburu. Txalaparta Argitaletxea. Tafalla, 1997. Bidaia filosofikoak versus turismo filosofikoa Bidaiaren metafora maiz erabiltzen den horietako bat da, betiere esanguratsua eta testuinguru askotara egokitzeko modukoa izanik. Bidaldiaren irudira jotzen da nork bere etxeko amaraunean barne egiten duen txangoa gogora ekartzeko, edo baita ere idazle eta pentsalarien irakurketak eskaintzen dizkiguten abentura, erromesaldi eta espedizio sortzaile nahiz intelektual irudikatzeko. Oraingo honetan, berriz, gogoeta filosofikoa eta turismoaren arteko lotura da ardatz. Izan ere, hainbat filosofo bidaia mota berezi baten zaleak izan dira Historian zehar; alegia, oinez bidaiatu zaleak. Bidaia hauetan, —astiro-astiro, urratsez urrats—, gauzatzen da zapaldutako tokiekiko harremana, bai eta bakoitzak bere baitarekin duena ere. Bidariak hausnartzeari ekiten dio ibili bitartean, ibiltzea bera sormen-iturri bilakatzen zaiolarik, hots, adimen eta irudimenaren pizgarri. Jacques Rousseauk idatzi zituen azkeneko testuak — Bidari bakarti baten ameskizunak— eguneroko osteratxoen ondoren egindako oharrei zor zaizkie. Ibili ahala bururatzen zitzaizkion pentsamendu haiek bidelagun izan zituen Rousseauk, heriotzak eten zituen arte. (1) Immanuel Kantek, Königsberg bere sorlekutik oso gutxitan urrundu ez bazen ere, ez zion ia-ia inoiz eguneroko egiten zuen ibilaldiari utzi. Beti ibilbide bera egiten zuen. Behin bakarrik gelditu zen hiru egunetan etxetik irten gabe, hain zuzen, jaso berri zuen Rousseauren Emilio idazlana irakurtzeko. Beste behin, aldiz, ibilbidea aldatu zuen Frantzian gertatzen ari zen iraultzaren berriak lehenbailehen eskuratzeko. Henry Thoreauk ere naturak inguraturik ibiltzea maite zuen. Oinez egindako bidaia haietaz liburu bat idatzi zuen: Walking (Ibiltzea). (2) Thoreaurenak, ibilaldi luzeak izaten ziren, gizarteak sorrarazten zion larridura gainditzen laguntzen ziotenak. Ibiltzeko zaletasuna da, bestalde, Fréderic Gros pentsalari frantziarraren liburu baten muina: Marcher, une philosophie (Ibiltzea eta Filosofia), 2009an argitaratua. (3) Agian, oinez egindako ibilaldiek gogoeten jarioa sustatzen dute, pentsamenduaren azaleratzea erraztuz. Baliteke ibiltzea abagune izatea nor bere baitan biltzeko eta zentzumenei etekina ateratzeko, mugimendu lasai eta neurritsu bati esker. Baina zertara dator turismo filosofikoa testuinguru honetan? Reinhold Messner mendizalearen ustez, turista eta ibiltari baten arteko aldea ondoko honetan datza: lehena ez dago bertan, ez behintzat oso-osorik, gorputza eta guzti. Hau da, turista baten bizipenak ez dira zuzenak, baizik eta soil-soilik begien bidezkoak. Halere, turistaren bizipenak ez dira ezta hori ere beharbada, egun argazki-makinaren bitartekari izaten baita, begirada baino lehenago iritsi ohi dena. Beraz, zentzu horretan, turistarena ez da ezta ikusmenari dagokion zerbait ere. Ikuspegi ederrak begiak betetzeko modukoak izan beharrean, kameraren pantaila baino ez dute betetzen. Leonardo da Vinci, ordea, gai omen zen buruko mina sendatzeko ikuspegi eder bati begira jarriz. Zalantzarik ez, so egote hutsak zirrara eragin dezake. Horretarako, alabaina, ezinbestekoa da turismoak, izatez, eragozten duen barruko jarrera egoki eta sakon bat. Hortaz, zer litzateke turismoa Filosofian? Oinezko ibilaldi astitsuen edo hegazkinezko bidaia azkarren artean hautatzea baino, jokabide merkantilista eta turistentzako show delakoa da hemen kontua. Slavoj Žižek filosofo esloveniarra turismo filosofikoaren aldeko joera horren sorreraren adibide ikusgarriena eta deigarriena izan zen garai batean. Bazirudien Žižekek salatzen zuen fenomeno bera bere entzuleekin baliatu nahi zuela. Bada, haren agerraldietan entzuleak, merkatuaren nagusikeriak agintzen zien zirkoko eserlekuan harrapatuta jarraitzen zuten. (4) Gaur voyeurismoa hiritarren jarrera naturala da. Begiratzea eta entzutea, bertan egon gabe eta esku sartu gabe, horixe da zabalduena. Jendeari ez zaio eskatzen irizpiderik izatea, ez eta inongo ahaleginik egitea ere; aitzitik, otzan-otzanak ez direnak zigortu egiten dira. Horrela, geldotasuna bilakatu da hiritarren berezko jokabide edo jokabide-ordea. Ildo beretik, ustezko interakzioa eta denon parte-hartzea itxurakeria baino ez dira, bete beharreko programa goitik behera zuzentzen delako. Hain neurri handian, non lor daitekeen entzuleak irentsitako hitzak bikaintasunez ere ahotik jaurtitzea, tutik digeritu edo ulertu gabe. Oso bestelakoa da bakoitza bere kabuz pentsatzeko eta galderak egiteko gauza izatea; hau da, bere jatorriarekin zerikusia duten galderak, bere-bereak direnak, ez beste nonbaitetik bere baitara landatuak. Edonola ere, Filosofia ez da bere gune mugatuetatik irtengo, ezta jendartean hobeto ezagutzera eman eta ulergarriago egingo ere, varietés antzeko genero bihurtuz gero. Herritarrei ikuskizunaren bidetik heltzen zaiena beste kontsumo gai bat baino ez da. Eta filosofia, izatez eta errotik, geldotasun kontsumitzailearen kontrakoa da. Duen eginbeharrak huts egiten du hortik jotzen duenean. Gehienetan, zapping-aren antza duen pasadizoz jositako bonbardaketa baten ondoren, ez dago jakiterik zer esan duen filosofo hizlariak. Hitzaldiak ez du inolako aztarnarik utzi inorengan, hizlaria ez delako aisialdi-programatik irten. Hari horretara, Pascalek arrazoi osoz egin zion kritika zorrotza denbora-pasari, esanez denbora-pasak porrot guztiez —heriotza, behartasun gorria, ezjakintasuna— ahazten laguntzen duela; baina, era berean, gizakien porrotaren adierazpiderik negargarriena ere badela. (5) Gainera, filosofoek, aspergarriak ez izateko, turismoarekin bat egiten dutenean, marketing delakoaren arau eta burdinezko legeei men egiten diete eta ezerezaren prestidigitadore bilakatzen dira. Beren bidaietan turistekin bat egiten duten filosofoek filosofo ibili zaleen kontrakoak dira: haien mugimenduarengatiko mugimendua harat-honat hutsa da eta, paradoxaz, immobilista. Turismoak klitxe izoztuak eta aurreiritziak zabaltzen dituen bezala, entretenigarria nahi izan nahi duen filosofia fosilen erresumakoa da. Dena den, ohiko jokaera akademizistek eta elitistek ez dute ere turismoaren aurkako jarrera gorpuzten. Günther Andersek Hizkera filosofikoaren esoterismoaz izeneko testuan esan zuenez, filosofo akademizisten hizkera esoterikoa da, —esan nahi baita, ulergaitza eta iluna lankideek osatzen duten taldetik kanpoko inork ulertzen ez dituelarik. Pentsalari akademizisten erudizioa bakar-bakarrik talde itxietara heltzen da, iniziatu-itxuraren babespean. Hala eta guztiz, Andersen iritziz, ez da morala lankideentzat bakarrik idaztea eta jardutea, okinek ogia beste okinentzat bakarrik egitea zilegi ez den bezalaxe. (6) Hori elkar elikatze antzu eta lehor bat besterik ez da eta bide horretatik jotzen duten filosofoek ez dute izateko arrazoirik. Azken batez, filosofo elitistak bakar-bakarrik existitzen dira luxu hori bere gain har dezakeen gizarte bati distira kulturala emateko. Bidaia filosofiko baterako, berriz, baliagarriak dira Andrei Tarkovsky zinemagilearen sormen-lanei buruzko gogoetak. Haren ustetan, lanbidearen trikimailuak aise ikas badaitezke ere, askoz zailagoa da sortzaileak beren lanaren alorrean duintasunez eta burujabetasunez aritu eta berezko nortasun bati lotzea. (7) Trebetasun eta antze teknikoaz haratago, garrantzitsua da erabaki etiko bat hartzea mota guztietako agintekerian mendeko ez izateko: dela diktadura politikoa, dela merkatuarena, dela garai bakoitzean esan gabe doan horrena, beroni antzematea eta kritika egitea zailena izanik. Hautu horri lotu behar zaio ibiltaria den filosofoa ere, turismo filosofikorik egin nahi ez badu. (1) Rousseau, Jean-Jacques: Les Rêveries du promeneur solitaire. 1776 eta 1778 artean idatzita. (2) Thoreau, Henry David: Walking (1851). (3) Gros, Frédéric: Marcher, une philosophie. (2009) (4) Slavoj Žižek, 1949an jaioa. Londresko Unibertsitatea. (5) Pascal, Blaise: Pensées (1669). Pensée 133. (Lafumaren arabera). Les hommes n'ávant pu guérir la mort, la misère, l'ignorance, ils se sont avisés, pour se rendre heureux, de n'y point penser. (6) Anders, Günther: Über die Esoterik der philosophischen Sprache (1943). (Gazteleraz: Sobre el esoterismo del lenguaje filosófico. In: Si estoy desesperado, ¡a mí qué me importa! Besatari / DDT. Bilbo, 2012. 55-74 orr. ). (7) Tarkovski, Andréi: Die versiegelte Zeit (Zigilatutako denbora). Ullstein Argitaletxea. Berlin, 1985. Lehenengo argitaraldia alemanezkoa izan zen. Sapienszentrismoa Baliteke, egunen batean, hurrengo belaunaldiek beren buruari galdetzea nola ote ginen gai gu, aurrekook, betaurrekorik gabe ikusteko; edo audifonorik gabe entzuteko; edo botikarik hartu gabe hotzeriari aurre egiteko, eta abar. Areago, baliteke etorkizuneko horiek gorputzean txertaturik izango dituzten entzun- eta ikusgailuak hobeagotzat hartzea, iraganeko belarri eta begi zoli huts mitiko erdi-gezurrezkoak baino... Ildo beretik, nekez ulertzen dugu gaurkook, nola egin ote zuten antzinakoek, itsasoan orientatu eta ontzi txikietan urrutira joateko, adibidez; edo trikuharriak eraikitzeko, egun eskura ditugun tresna guztiak izan gabe. Bada, lagungarriak bilatu ditugu teknikan. Horiek, ezari-ezarian, gure arbasoek antzina izango zituzten zentzumenak eta bestelako ahalmenak baztertuz joan dira. Egia da betaurrekoak gero eta hobeak direla. Baina gero eta gehiago dira ere begilaburrak. Bestalde, zenbat eta ozenagoak bozgorailuak eta belarriko entzungailuak, orduan eta ugariagoak entzungorrak. Orobat, zenbat eta antibiotiko gehiago hartu, hainbat eta ahulago gehienon immunitate-sistema. Azken adibide bat ematearren: zenbat eta eskuragarriagoak izan grabaketak eta euskarri digitalak, hainbat eta zailagoa da begi eta belarri hutsen bidez oroimenari eustea. Jakina, ikusmena galtzen da, hein handi batean, hiriko bizimoduan ez dagoelako urrutira begiratzeko aukerarik, eta, zeresanik ez, sakeleko telefono eta pantailen erabilerak kalte egiten diolako. Halere, beste arrazoi bat dago: laguntzera heldu omen den teknikari ateak zabaldu dizkiogu eta bera etxearen jabe egin da. Honezkero, baliabide teknikoek berezkoak zaizkigun gaitasunak ordezkatu dituzte, beraien gainbehera berekin ekarri dutelarik. Eta gaitasun horiek arrotzago bihurtu zaizkigu, teknikak sortzen dituen tresnak baino. Ondorioz, gaur ia-ia ezinezkoa zaigu irudikatzea nolakoak izango ziren antzinako garaietan giza ahalmen, instintuak eta zentzumenak. Dirudienez, elkar baldintzatzen dute, batetik, asmakizun tekniko berriek eta, bestetik, bizimoduaren eboluzioak sortu dituen gabeziek. Halakoa izan da bilakaera historikoa eta biologikoa. Dena den, bilakaera hori ez zen nahitaezkoa: merkatuaren legea izan da ikerkuntzaren norabideari eragin diona, ez egiazko giza beharrek. Arazoak aurretik saihestera jo beharrean, sortu eta geroko konponbideak bilatzen dira. Onuragarriagoa da irtenbide mota bat aurkitzea, zeina, epe luzean, problema berrien sorburua den. Izan ere, gizartean sortzen diren arazo asko eta asko ez dira albo-kalteak, baizik eta merkantilismoaren bere baitako helburua. Betaurrekoak gutxiengo bati laguntzeko sortu ziren. Orain, gehiengoak du betaurrekoen premia. Albo batera utzi dira, ordea, ikusmena berreskuratzeko beste bideak. (1) Teknikaren berrikuntzekiko gaurko atxikimendu itsuak ondoko galderei ematen die bidea: berria dena beti da hobestekoa? Orainaldia lehenaldia baino gehiago ote da, definizioz? Lehen kontrakoa sinesten zen, hots, iraganekoa zela hobea. XII. mendera arte ezin eztabaidatuzkoak ziren antzinakoen gehientasuna eta tradizioaren nagusigoa. Ezagutzen den lehendabiziko saioa jarrera hori zalantzan jartzeko Bernhard Chartreskoarena izan zen. Berak eman zion hasiera iraganaren bestelako irakurketa bati esan zuenean: Erraldoien sorbaldaren gainean dauden epoak gara gu. Gure arbasoak baino urrutirago ikusteko gauza gara; zentzu horretan, gehiago da guk dakiguna haiek zekitena baino. (2) Bernhard Chartreskoak ez zion aurrekoen handitasunari uko egin. Alabaina, orainaldikoak handiagoak direla aldarrikatu zuen eta gehiago ikusteko gauza, hori aurrekoen bizkarren gainean egoteagatik bada ere. XVII. mendean, berriz, Francis Baconek eta Descartes filosofoek Bernhard Chartreskoaren ikuspuntu "modernoa" bere egin eta beste urrats bat egin zuten esanez ez dela zuzena Antzin Aroa duen adinagatik mirestea, ondorengoak beti direlako adintsuagoak eta eskarmentudunagoak iraganekoak baino. Ideia iraultzaile horren muina hau da: heldu berriak zaharragoak eta jakintsuagoak dira. Bitartean, asaba zaharren sorbaldan bermatzearen irudia desagertu egin da, eta berarekin batera, Antzinatearekiko esker ona eta mirespena. Pentsamenduak Lege Zaharrari botatako hordago bat. Kontua da mendebaldeko gizartea oraindik bizi dela Aro Modernoko aipatu filosofo eta zientzialarien itzalpean. Esan gabe doa ondorengook gehiago dakigula; eta nagusitasun hori batez ere gizakien alderdi faber edo fabrikatzaileari zor zaiola, alegia, teknikaren aurrerapenari. Aspaldi diktadura ideologikoa bilakatutako den fede moduko bat da hori. Argi denez, merkantilismo eta desarrollismoaren aldekoei ezin hobeto etortzen zaie “berria beti hobea” leloari eustea, horri esker salmenta gehiago lortzen baita, ad nauseam eta mugarik gabe. Negozio borobila. Behinik behin, etengabeko hazkundeak ingurumenean eragindako txikizioari ez ikusiarena egiten jarraitu dezakeen bitartean. Oraingo nagusigoari eta antzinakoen ez-jakintzari buruzko aurreiritzien beste adibide bat da nola arkeologoak harritzen diren, behin eta berriz, aurkitu duten zerbait uste baino askoz ere zaharragoa denean. Ikerlarien harridurak, oro har, erakusten du beraien hipotesiek gehienetan zentzu beretik jo ohi dutela. XIX. mendeko pentsalari askok gizadiaren aurrerapena hizpide izan bazuen ere, —eta gutxi batzuk, gizadiaren beheraldia—, egun, aldiz, ez da oso egokia ezta “gizadi” hitza bera ere erabiltzeak, letra larriz, gizadi bat bakarra balego bezala. Ikerlan arkeologikoetatik ondorioak ateraz gero, gizaki edo homo mota anitz bizi izan dira lurrean, elkarrekin edo elkarren ondoan. Gizakiek —edo hominidoek— uste zena baino askoz ere denbora luzeago daramate lurrean. Hasteko, nola erabaki duela bi edo hiru miloi urteko gizakiak gizadi beraren kidetzat hartu ala ez? Zerk ematen die zilegitasun orokorra oraingo irizpideei nortzuk izan diren sapiens-ago edo gaiagoak esateko orduan? Ahalmenak eta jakintza ez dira zergatik neurtu behar unibertsalak ez diren arrazionaltasunaren modeloei atxikita.Iraganak hamaika bide hartzen du bere baitan, aro eta toki bakoitzarekiko egokiak. Orainaldiari gehiagotasuna aitortzeak jakinduriaren elbarritzea litzateke; hau da, giza bidaiaren zerizana desitxuratzea. (1) Adibidez, merkatuak begietarako protesien alde egin du eta zientziak ez du jarraitu W.H. Bates (1860-1931) oftalmologoaren “begien soinketa” delakoaren ikerketa-ildotik ikerketak egiten eta. (2) Nanos gigantum humeris insidentes. Bernhard de Chartres (1124 eta gero hil zen). Orentzako jarraibideak Etxeko orek, aukera izanez gero, gogoz sartzen dute muturra hiriko zaborren artean, ez gose direlako, baizik eta, horrela, beren izaerari eusten diotelako. Baita mizke hazitako txakurrek ere beren kabuz aurkitu nahi izaten dute jatekoa —edo dena delakoa. Jabeek halakorik ez egiteko hezi badituzte ere, txakurrek poz handia hartzen dute egiatan nor diren erakuts dezaketenean. Hain zuzen, beren erara, inor bitartekari izan gabe probatzen dituzte txakurrek beren gaitasunak kalean. Aurreikusi ezin dezaketenak erakartzen ditu eta zabor artean bilatzen jarraitzera eraman, ezusteko zerbait topa arte. Ora izateari utzi ez diotenaren adierazgarria. Horren harira, gogora ekarriko dugu Rubert de Ventós filosofoari behin gertatutakoa, Modernitateaz izeneko liburua idazteko bultzada eman ziona. (1) Bada, Ameriketara zihoala hegazkinean, kafeari esnea bota nahi izan zion Rubert de Ventósek. Alferrik bilatu zuen “esne” hitza zerbitzariak gosaltzeko ekarri zizkion gauzen artean: esnearen etiketarik ezin inon aurkitu. Baina hara non aurkitu zuen, azkenik, plastikozko ontzitxo batean ondoko hau idatzia: Zure kaferako. Hau da, etiketak argi uzten zuen bidaiariak zertarako erabili behar zuen hura, barruan zer zegoen azaldu beharrean. Rubert de Ventós txundituta geratu zen. Eta Freuden Kulturaren ondoeza liburua parafraseatuz, hegaldi hartan ulertu eta bizi izan zuenari Aireportuko ondoeza deitu zion (2). Rubert de Ventósi iruditu zitzaion aireportua zela gaurko munduaren antolamenduaren eredu on bat: nonahi jarraibideak, iragarkiak, ohartarazpenak, aholkuak, orientatzekoak, ideogramak, errotuluak... Hitz gutxitan, goitik behera egituratutako funtzionaltasuna, ausazkoari eta norberaren ekimenari ate guztiak ixten dizkiena. Bestalde, orduan gertatutakoak bidea eman zion ohartzeko, nola merkatua ari zen menderatzen eta zuzentzen, ez bakarrik produkzio-harremanak, baizik eta bestelako giza harremanak ere bai. Hau guztia, jakina, aro digitala baino lehen. Egun badakigu zernahirako arau sotilak eta aginduak zeharka eta etengabe emateko joera itogarria bere hastapenetan zegoela orduan. Izan ere, Rubert de Ventós harri eta zur utzi zuen bide hasi berriak erroak egin ditu geroztik mendebaldeko gizartean. Toki guztietan irteten zaie herritarrei bidera, hain zuzen, nahi zuten huraxe, behar bezala adierazten jakin ez omen duten arren; esku-eskura jarrita eta aurretik mastekatua eta iragazia, gainera. Bestek egindako interpretazioak aurrea hartzen die norberaren asmo eta burutazioei. Ildo beretik, zehazki iragar daitekeen inguru erraztu batean bizi gara. Ez zenekiela zer zegoen ontzitxo horretan? Ba orain badakizu zer egin behar duzun: bota ezazu kafera eta utzi galdera tentelak egiteari. Aski da geuk jakitea zer den. Errealitatea geure neurrira egina da, areago, prozesatua. Argi denez, kontua jendea geldo geldotzea da eta inork berezko irizpiderik ez garatzea, merkatuaren giderrak eskuetan dituztenen esanetara egon dadin. Rubert de Ventósek bere saiakera argitaratu zuenetik erruki gabe egin du aurrera herritarren programatzeak. Bitartean, informatikaren itzala eta birtualtasun digitala hedatu dira, alienazioa ere areagotu delarik. Eremu digitaleko bizilagunek, berriz, teknologiak merkaturatzen dituen baliabideetara egokitzen dute beren burua, den-denak besterik gabe onartuz. Adibide bat emateko, zaintza-kameren kalean nonahi jartzeak protestak piztu zituen hasiera batean; orain, aldiz, baita etxeko ordenagailuek ere daramatzate barnean. Erabiltzaileek harrera ona egin diete, kamerei esker beren burua askatasun osoz erakutsi diezaioketelako munduari. Testuinguru honetan, Byung Chul-Han filosofoak internet bidezko sare sozialetako sasi komunikazioa eta giza harremanen hutsalkeria aztertu zituen Gardentasunaren gizartea 2012ko saiakeran; bereziki, jendaurrean biluzteko ohitura. (3) Edozein keinu bilakatu da ikusgai; areago, dena da erakutsi beharrekoa, dena izan behar da gardena eta gordina. Bere burua argitasun mota horretan jartzen ez duenak susmoak sortzen ditu, horrek elkarren nahitaezko zelatatze bat ekarri duelarik berekin. Alabaina, aipatu filosofoaren iritziz, besteenganako uste ona, konfiantza, da jendarteko gune askeak bermatu ditzakeen bakarra. Byung Chul-Hanen ustetan, informaziok gaindituta bizi gara. Filosofoak ez du, ordea, gardentasun horren beste alderdia nabarmentzen; hots, gizartean oro har nozitzen dugun obskurantismo latza. Byung Chul-Hanek ahaztu egiten du hainbat egiaren berri zehatza izateko luze itxaron behar izaten dela. Esaterako, hamaika estatu-krimen, lege-hauste eta ustelkeria argitu gabe geratzen dira maiz, edota hamarkada batzuk geroago ikertzen dira. Beraz, gizartearen alderdi ilun eta bortitzenek hortxe diraute, Byung Chul-Hanen jorratu zuen gehiegizko informazioaren osagarri edo ordain. Antzeko hutsune bat sumatzen da Rubert de Ventósen De la Modernidad idazlanean: egileak ez ditu aztertutako bilakaera sozialaren eragile eta sustatzaile nagusiak salatzen. Rubert de Ventósen aireportuaren metafora erabili zuenetik, sarraski eta atentatu mota berriak ageri dira, non eta aireportuetan bertan edo jendetza biltzen den hiri handietako guneetan. Zentzu horretan, Rubert de Ventósek aukeratutako irudia egokia da, mendebaldeko gizartearen eszenaratze gisa. Aireportuak harira datoz, ez daude oraindik lekuz kanpo. Dena den, gero eta korapilatsuagoa da errealitate kalkulagarri eta arrakalarik gabekoaren diseinuari jarraipena emateak. Badirudi estatu boteretsuen ugazabek —beraiek ere burtsa bezain aldakorrak— ez dutela lortu beren or guztiak doitzea. Or batzuk zirrikituak aurkitzen dituzte beti eta, etxetik alde egin ondoren, asegarri bila abiatzen dira. (1) Rubert de Ventós, Xavier: De la Modernidad. Ensayos de filosofía crítica. (Modernitateaz. Filosofia kritikoaren saiakerak). Península Argitaletxea. Bartzelona, 1980. (2) Freud, Sigmund: Das Unbehagen in der Kultur (1930). (3) Byung-Chul, Han: Transparenzgesellschaft. Matthes & Seitz Argitaletxea. Berlin, 2012. Kearen asmatzea Gure zibilizazioa ke zikinean murgildurik bizi da eta, ondorioz, biriketako edo arnasbideetako gaitzak ugariak izaten dira. Halaber, zibilizazio horrek badaki arnasbideak sendatzeko botika sofistikatuak asmatzen. Baina ez da gauza zikinkeria eta toxikoak gutxiagotzeko, bestelako bizimodu bat irudikatzeko gauza ez den bezalaxe... Ezgaitasun harrigarria bezain kezkagarria. Ildo beretik, gizartea ohitu egin da gero eta maizago gaixorik egoten. Gaixoak ere ohitu egin dira osasuna besteren esku uzten. Txanpon beraren bi aldeak. Gainera, biztanlegoari gaitzak sendatzeko balio omen duten aukera franko eskaintzen zaizkio; hau da, sintomak desagerrarazteko —epe laburrean, behinik behin— sendagaiak eta ebakuntza konplexuak. Alabaina, isildu egiten dira hauek berekin ekar ditzaketen ondorio kaltegarriak. Izan ere, alferrik da osasuna galdu izanaren egiazko arrazoiak mozorrotu eta ezkutatu nahi izatea. Zoritxarrez, gaixotasunek erreka baten antza dute: lur azpian sartu eta handik kilometroetara —edo urteetara— ezustean berragertzen dira, halabeharrez. Badirudi, beraz, osasun-arazoen sorburura jotzea ez dela "errentagarria". Bada, hainbat eritasunek nabarmen egin dute gora lurralde industrializatuenetan. Kontrakoa sinestarazi nahi zaigun arren, igoera ez zaio bakar-bakarrik zor populazioaren zahartzeari eta hiritarren bizialdiaren luzapenari. (Hobe: bixialdiaren luzapena nagusien etxeetan arrotzen esku). Adibide bat ematearren, minbizia haurtzaroan ere ugaritu da. Halere, bada oraindik sinesten duenik gaur adina gaitz eta gaixo zegoela antzina, nahiz eta jendeak izenik ematen jakin ez. Ez da egia: azken hamarkadaotan egindako estatistikei esker aski datu fidagarri dago zenbait gaixotasunen belaunaldiz belaunaldiko aniztea egiaztatu ahal izateko. Antza, munduari buruzko pentsamolde edo ideologia bera da, alde batetik, osasun-arazo jakin batzuk areagotzen dituena, baita sortu ere; eta, bestetik, berauentzako konponbideak aurkitzen dituena. Dena den, esan bezala, albo-ondorio anitzak kontuan hartuz gero, konponbideak baino, konponbidearen ordezkoak lirateke horiek. Bada, ezagutzaren teoriaren ikuspegitik aztertuta, zientzialariak eta ikerlariak, oro har, norabide bakarrean ari dira, aurretik ongi finkaturik dauden modeloei atxikitzen zaizkielarik. Thomas Kuhnek La estructura de las revoluciones científicas bere idazlanean bikain aztertu zuenez, zientzialarien artean agintean dauden sinesmenekiko komunztadura moduko eroso bat egoten da arlo epistemologikoan. (1) Egia ofizialak betikotzeko joera horrek aurrera jarraitzen du, harik eta egunen batean erabateko haustura gertatzen den arte: iraultza bat zientzian, non emaitza berriek azkenik egia zaharrak deuseztatzen dituzten eta begiak zabaldu erosokeriaz jokatu duten zientzialariei. Zaila izaten da, izan ere, zientziaren eremuan seinalatutako bideetatik garaiz irtetea. Gauza bera gizartearen bilakabideari dagokionez. Hannah Arendtek sakon jorratu zuen halako "gizarte-prozesuen automatizatze" arriskutsua, totalitarismoaren jatorriei eskainitako bere idazlanetan. (2) Bada, gerta daiteke gizartea bere ideologiaren sareetan harrapaturik geratzea eta dogma higatu bati itsuki eustea. Hala, munduaren beharrezko zaharberritzeari eragotzi ohi zaio, gizarte horrek noizbait lur jo arte. Hari horretara, historialariek eta arkeologoek sarri egiten dute topo iraganean epe labur-laburrean desagertutako zibilizazioekin, naturak eragindako hondamenik edota gerrarik tartean izan gabe. Zibilizazio horiek, seguruenik, garaiaren mendeko ez ziren ahots aske guztiak isilarazi eta beren lorpen eztabaidaezinez liluraturik biziko ziren ondoren..., porrot egitera kondenatuak, beren sinesmen mugiezinen eta arrakasten esklabo huts. Bien bitartean, osasun-alorrean ere kearen asmatzeari ekiten zaio etengabe, oraindik salerosgai bilakatu ez den azkena kolonizatuz ere. Aurkikuntza zientifikoak omen diren horien artean, Basoaren medikuntza izenekoak hausnarketa egiteko bidea ematen du: gaurko medikuntzak antzinako jakinduria galdu ez duen edozein gizarteak zekiena idoro berri du, alegia, basoa osasungarria dela. Oraingoan, ordea, zientziak hitz teknikoez eta, nola ez, sagu zorigabeekin egindako saio korapilatsuetan oinarriturik erakusten digu jakintza hori. Hain zuzen, baso-bainuak hartzeak outdoor-eritetxea deiturikoetan sistema immunologikoa berpizten du behar-beharrezkoak ditugun killer cells-en kopuruaren hazkundea sustatuz, estresa eta nekea murriztuz, norberaren gogaldia hobeagotuz, eta abar. Ez da ahaztu behar zuhaitzek fitonzidioak sortzen dituztela, zeintzuk konposatu organiko lurrunkor alelokimiko antimikrobianoak besterik ez diren... Aipatu teknizismo ezin gardenagoetan dago hori guztia frogatzen duen gakoa. Beraz, basoak osatzeko duen indarra berebizikoa ei da. (3) Horrela, giza begirada moderno harrapariak oraindik jo gabe zituen azken bazterrak, basoa barne, medikuntzaren merkatuan sartu dira. Azken batez, zuhaitzak arrazoi berdintsuengatik gurtu izan dira betidanik. Esoterismoaren aldeko jarrera zutenek nahiz bestelako izaki azientifikoak zuhaitzak besarkatzea maite zuten, sendabidetzat harturik. Basoa, gainera, erlijiozko elezahar askotan agertzen da. Armenteirako Ero, Leireko Virila eta Heisterbacheko zistertar abadeei, -besteak beste—, hala gertatu omen zitzaien behinola: txorien dei zoragarriek erakarrita oihanean barneratu eta, oharkabean, bizpahiru mende eman zuten bertan. Hain da ederra basoa, non abade haiek denboratik irtetea lortu zuten, betiereko paradisuaz gozatu ahal izateko. Ba al dago ezer osasuntsuagorik? Areago: Landareak bihar lurretik desagertuko balira, giza bizitza oro itzaliko litzateke aste gutxi barru, gehienez, hilabete gutxi barru..., —idatzi zuten 2013an Stefano Mancusok eta Alessadra Violak, —bata Landareen Neurobiologian aditua eta bestea, kazetaria—, Verde brillante. Sensibilità e intelligenza del mondo vegetale beren liburu gomendagarrian (Berde argitsua. Sentiberatasun eta adimena landareen munduan). (4) Gizakiak luze bizi izan dira zuhaitzek inguraturik. Horrexegatik, egungo medikuntzak zibilizazio-gaitzen zergatikoei muzin egin eta basoa sendagai ofiziala izendatzea gizartearen porrotzat hartu behar da, hain zuzen, basoa urritzen ari den honetan. Hala bada, Basoaren medikuntzakoen iritziei begiratuta, ondoko galdera hau egin beharko genuke: uste bezain indartsuak, kementsuak eta osasun onekoak gara aurreko belaunaldien aldean? Batek badaki. Edonola ere, ez dago iraganera itzultzerik. Baina badago orainaldiari buruzko gezurrik ez esatea, bai eta merkatuak osasunari buruz sortzen dituen aurreiritziak sakon aztertzea ere. (1) Kuhn, Thomas, The Structure of Cientific Revolutions (1962). (Iraultza zientifikoen egitura) (2) Arendt, Hannah: The Origins of Totalitarism (1951). (Totalitarismoaren jatorriak) (3) Qing Li, Tokioko Nippon Medical School delako sendagileak eta Japongo Baso-medikuntzaren Elkartearen buruak uste du errezetak egin behar zirela basoan osteratxoak egiteko. (4) Mancuso, Stefano y Viola, Alessadra Verde brillante. Sensibilità e intelligenza del mondo vegetale. Gaztelerazko itzulpenetik: Sensibilidad e inteligencia en el mundo vegetal. Galaxia Gutenberg Argitaletxea. Bartzelona, 2007. 34. orr.
AURKIBIDEA AUTOREA BILDUMA HITZAURREA ATARIKOAK MAPAREN GEOGRAFIA NIRE BELDURRAK HEGOALDERANTZ LEHEN LERROA OIHAL ZATI GARRATZA ITSASOA DA NORENAK IPARRALDE HEGOALDEKO BAZTERREKO BIDETIK BILUZIK URRUTI HAURREN AHURREAN DUNA ARGI-ILUNAK ZUREZKO BIHOTZA ZEUKAN ITSASOAK DARAMANA BADATOZ BIDAIATUKO GAITU HAUTACUPERCHEREN OIHARTZUNA BESTE BAT BAGAJEA MAIZTASUNA ITSAS UHINAK ETA HODEIAK LAGUNAKO LAGUNAK HARRIA ETA ORRIA AFRIKAR XUXURLA PARADISUA SORTALDERANTZ BIDE BAZTERRETIK ELKARTASUN PORTUA HAIENAK ZINTZILIKATUTAKOAK EZ GALTZEKO BERMEA OKZITANIAR URMAELA MUNDUA LAU(R)AK PIZKUNDEAK BERPIZTUTA HARAGO HIRIRIK GABEKO HIRIA LABIRINTOAREN IRTEERA FUSINATIK ORDAINDU EGIN BEHAR DA BASQUE OSO GAITZA EGUNKARIA HURRENGO BATEAN SARTALDERANTZ ITZULERAKO BIDETIK BIDEKO BIDEAK ESATARIA XEHEA EDO LARRIA BI NORANZKO MILANO-TORINO TORINOKO ILARGIA TUNELETIK BIDESARIA TXIRRISTAPEKO MADARIKATUA BIDAIARIREN BAT KAPUSCINSKIREN ERRETROBISOREA AZKEN HITZAK ITZULERA AUTOREA Jon Etxebarria Rozas Txontxe naiz, getxoztarra, Euskal Filologian lizentziaduna eta Euskara eta Literatura irakaslea Hezkuntza publikoan. EGA aztertzaile eta euskara zuzentzaile ere ibili izan naiz. HIZNET Hizkuntza Plangintza eta Nazioarteko Ikasketak graduondokoak kurtsatuta dauzkat (titulurik ez). Euskalgintzan, sindikalgintzan eta nazioarteko elkartasunean jardun dut, bereziki internazionalismoan. Idatzi dudan lehenengo lan literarioa da hau, lehenago hainbat artikulu idatzi ditut (Argia, Berria eta Gara hedabideetan) eta aurkezten dizuedan bilduma honetako Urruti izeneko olerkia Ibon Zubielaren Inventario de la piel/ Azalaren bilduma poesia-bilduman argitaratu da. BILDUMA Aurkezten dizuedan poema-bilduma 2017an egindako lau hileko bidaiaren ondorio da. Orain hiru urteko udaberrian bikotearekin eta bidean bi urte bete zituen semearekin autokarabanaz bidaia luzetxoa egin genuen, Andaluziara, handik Kanarietara ferryz, uhartez uharte ibili ostean penintsulara itzuli ginen, Herrialde Katalanetara gero, Okzitania, Italiako Toscana, Venezia eta azkenik Esloveniaraino iritsi ginen etxera bueltatu aurretik. Orotara 8.505km eta 1.595 itsas milia egin genituen. Horrela, bildumako olerkiak bidaia bati buruzkoak dira, bideari buruzkoak eta bidaian ezagututako natura, hiri eta giza paisaiak islatzen dira. Bestalde, bizitza, bidaiak, turismoa, migrazioa eta zapalkuntza dira agertuko diren gai batzuk betiere jendartearen eta munduaren ikuspegi kritiko batetik jorratuta. Olerkiak xumeak eta heterogeneoak dira, horietako asko narratiboak dira eta hainbat idazleri (eta bidaiariri) egiten diete erreferentzia, batez ere atzerrikoak, batzuk klasikoak dira eta beste batzuk garaikideak, esaterako, Dante, Twain, Byron, Storni edo Mistral, Belestrini eta Sarrionandia. Horien artean Kapuscinski da aipagarriena, presentzia handiena duena delako eta kazetari eta idazle poloniarrari erreferentzia egiten dion poema batetik hartu duelako izenburua lanak. Azken finean, bitakora baten olerkiak dira, bazterreko bideetatik eta bide bazterretatik egindako bidaiarenak eta road trip poetiko bat osatu nahi dutela esan genezake. HITZAURREA Ez dakit oso ondo zer garen eta zer ez garen. Badakit, ordea, zerk egiten gaituen: bideak. Eta bidea bada egiten gaituena, zergatik ez uste izan gu ere bide garela? Askotarikoak, norberak bereak, olatuak denak diren moduan desberdin, eta hostoak, eta ametsak. Jon Etxebarria Txontxek begirada ezin ederragoan eskaini digu berak egindako bidaiaren berri. Barrutik kanpora, eta bueltan berriro ere abiaburura. Zirkulu inperfektu bezain biribilean eroan eta ekarri gaitu sentsazioen bide-zidorretatik eta apaltasun poetiko miresgarrian eskaini digu bidaia fisiko, pertsonal eta literarioa. Kartografia pertsonala, mapa biziak. Finean, bizitzaz ari zaigu Jon, bizitzaz eta maitasunaz, elkartasunaz ari zaigulako, eta elkartasuna maitasuna delako, mugagabea, baldintzarik gabea. Nor diren eta nor izan nahi luketen herriei zein pertsonei buruz ari zaigulako, norbera den moduan aintzat hartu eta onartzea (edo oldartzea) ere maitasun ekintza delako; zintzoa eta zorrotza. Eta bidea, emankorra izango bada, maitasun bidea besterik ezin daitekeelako izan, eskuzabala eta aurre juzgurik gabea. Bideak liluratzen gaituenean, bideak bidetik ateratzeko gonbitea egiten digunean, berdin digu nora joan, edo nora ez joan, hitzak berak bihurtzen dira-eta bide, poesia bera bihurtzen da Urrutikoetxea azaletik azalera sentitzeko geografiarik ederrena, indartsu izan beharrean, indartsu sentitzeko adorea ematen diguna. Google maps-ek fitxatu gabeko bide zidorretan ezagututako bidaide inprobisatuen azaletik arnas egiteko aukera ezin hobea: Jay Moriartyen itsasoak, Lord Byronen herrentasunak, Danteren infernu-zeruak eta Mark Twainen abenturak. Eragozpena eta oztopoak ere berezkoak ditu bideak, baita nekeak ere: aldi laburreko adiskidantzan erraz disimulatzen diren horiek; zeruaren eta itsasoaren arteko bisagrak, batzuetan, kirrinka egiten duela konturatzeko nahikoa den …baina soil bat; bandera astunegien zimurretan menperatuen orbanak sentitzeko moduko ibili zauria; norbere ametsak inoren amesgaizto, eta alderantziz, izan daitezkeela onartzeko adorea. Horiek ere badira Jonen bideak, baita gutako askorenak ere, itsasoetan itotzen garen bakoitzean sentitzen dugun itolarri hori bezala, ohol bustiak bizitza desjabetuak ezin eutsi dituenean mundu berri baten aldeko esperantzaren azaleran. Hori dena da bidea, eta kostaldea, eta naufragioa; hori dena da bizitza, eta heriotza; Puerto de Santamariako selfiea, koloretan egonagatik ere zuri beltzean ateratzen den argazkia, …leku orok daukalako alderen batean bere bazterra, eta pertsona orok bere bestea. Edozein denbora bazterretan omen dago paradisua, Puertito de la Cruzen, Adiranen, Luccan, Venezian edo Ljubljanan. Eta baita gure mendi, badia eta kaleetan ere, ez baita atzerriratu behar bidaiaria izateko, bidaiatzea itzultzea baita, eta etxera bueltatzen garen bakoitzean berdeagoak direlako gure mendien hegoak, …freskoagoak gure lotsaren gerizpeak. Etxera bueltatzea abiatu gineneko bidaia beraren beste atalburu bat baizik ez da. Hori bai, jada ez gara lehengo berak, Jon ez da autokarabanan sartu zeneko bera. Ni ere ez naiz lehengoa, berarekin batera bide berriak amesteko eskifaiaren parte sentiarazi nauelako, eta nahiz eta Kapuscinkiren erretrobisoreak geografia nozio subjektiboa dela iradoki, erretrobisore berean islatzen dira ere ortzemuga berriak. Horregatik, beti soinean daramagu motxila. Eskerrik asko, Jon Txontxe. Mikel Etxaburu Osa Egizu otoi bidea luzea izan dadin, menturaz betea, ezagutzaz betea. Ithaka, KONSTANTINO KAVAFIS ATARIKOAK Bidaiatzea etxetik joatea da GABRIEL GARCIA MARQUEZ MAPAREN GEOGRAFIA Mapa gora adi jarri dut umetako gerra jolasak hesiak fronteak kontinente binarioa mendebala ala ekialdea ez iparrik ez hegorik. Mapari buelta eman diot behera adi jarri dut biluzik hamaika forma ez marrarik ez biderik. Mapa ahoz gora jarri dut berriro gaztetako gatazka jokoak nazio gardenduak elkartasun konspirazioak bazterreko langileak bilera isilak, kongresu isilduak. Mapari buelta eman diot behera adi jarri dut biluzik hamaika forma ez marrarik ez biderik. Mapa gora begira jarri dut berriro guraso garaiko bidegurutzeak eta gure bidea? Geografia zer den ez dut argi nora joango garen ere ez. NIRE BELDURRAK Kirmen Uribek alabari gomendatutakoa neure eginez onartu egingo dut beldurra beldurra bidea luzeegia izateari beldurra bidea labur gelditzeari beldurra haurrak etxera itzuli nahi izateari beldurra haurra etxera ez bueltatzeari beldurra bikotekidearekin larregi hitz egiteari beldurra bikotekidea eta biok mutu lotzeari beldurra begiak ezin biltzeari beldurra ezin esnatzeari beldurra motelegi ibiltzeari beldurra azkarregi joateri beldurra Raymond Carverren beldur guztiei ere bai eta biharamunean zehaztu gabeko bidea daukat zain. HEGOALDERANTZ Bidaiatzea poeta sentitzea da GABRIEL GARCIA MARQUEZ LEHEN LERROA Nola idazten da lehen lerroa? Egunerokoa osatu nahian izan liteke, bat-bateko uzkurdurek ideiei bultza eta bultza egiten dietela. Urteetako hitz kateatu gatibuen oihuak kaiolako ertzen aurka talka ezin kabitu dabiltzanak askatu nahian behar bada. Gaueko belztasunera kiribilduta lan-tresna zorroztuta kolpez kolpe esku leunak zailduta, orbanez lohituta apika. Agian barreneko minetatik erauzita ikusiko du argia lerroak koska, kostata, barealdia amaitutakoan, ekaitz gordinari aurre egin dion lemazainaren antzera. Ez dakit nola idazten den lehen lerroa baina Kapuscinskiri jarraiki poesia da bidea. Hala bedi! OIHAL ZATI GARRATZA Herkulesen Dorreetatik harago Anibalen elefanteentzat meharregiak diruditen antzinako Gádirreko karrika karratuetatik barrena, infinituraino itxaron behar ez duten kale sasiparaleloak, bihurriak denak. Ogibide zaharrak zein gazteak, nahasmen kontrasteak, eraikin ofizial andana banderek abisatuta. Manuel Machadok zioen argitasun gaziaren hiriko bandera gatzatu horiek, baina, ez didate arreta deitu, argirik gabeko kale kantoi mingotseko tintoreria zaharrean behargina lisaburdinaz ferekatzen ari den horrek baino; zimurrak galdu berri dituen marradun oihal garratz angeluzuzena besterik ez den horrek. LURMUTURRA Europako hego muturra agian afrikarragoa europarra baino piratena bezain mugalariena. Itsaso biren loturaren testigu mundu biren banaketaren gatibu bertan ametsak sortzen ditu haizeak bertara hilotzak ekartzen ditu korronteak. Bidaia askoren hasiera bidaia gehiegiren amaiera amestien utopia amesbakoen hipermetropia. ITSASOA DA Maitasuna eta emozioa baino ez da itsasoa JULES VERNE Urruneko mintzaldi mutua, bazterreko begirada itsua, eztiki hurreraturiko esku bihurria, alderrai dabilen mingain zirria. Goizeko izara zimurtua, luzatutako gau argitsua, erauzitako arroparen alkohol lurrina, bat-bateko fereka geldiezina. Brankatik ikus daiteke itsasoa dela maitasuna: doana eta datorrena, dena eman eta dena ken dezakeena, bakarra baina beti desberdina. NORENAK Jay Moriarityk esan ei zuen denok gatozela itsasotik baina denok ez garela itsasoarenak. Itsasoa bada maitasuna maitasuna bada itsasoa denok gatoz maitasunetik baina denok ez gara maitasunarenak. Norenak ote besteok? IPARRALDE HEGOALDEKO BAZTERREKO BIDETIK Bidaiatzea zoroz janztea da GABRIEL GARCIA MARQUEZ BILUZIK Atlantiar itsasertz metodikoak oin hutsak estali dizkit agur esan diote oin azpiek hondarraren epeltasunari. Uhin erkin baten azken hatsak larrugorritu nau samatik behera beste nudisten gorputz zoroekin berdinduta egoteak lotsarazi nau gardendutako besteen iritziek eta epaiek beldurtu egiten naute. Bazterreko bideko ufada aldakorrek enegarrenean aurreiritziak eta ustebeharrak erantzi dizkidate larrubiziari burubizia erantsiz. URRUTI Igor Urrutikoetxea Bilbaori Urrutira joaten zinen beti, kale amaieran dagoen hemendik milaka miliatara eroan zintuen ozeano bera maiz zeharkatzen zenuen baina hurbilen zeundena zinen. Beharrean bidaiaria, aisian bidaztia, gertukoentzat beti zeneukan astia. Bide bazterra astindu beharra zegoenean astintzen zenuen goia eta azpia. Ñimiñoena zein itzelena, hemengoa nahiz hangoa ezagutzeko beharra, itzelezko jakin mina zeneukan kontrolaezina. Zure patrika txikia bidaietan inbertitzen zenuen betiere ekartzeko motxila bete bizipen motxila bete aldarrikapen. Bidaiak eroan zintuen ortozik baina botak basaz lohituta, urruti utzi gintuzun zure argitasunaren umezurtz. Alabaina, bidea utzi zenigun, asago bezain paraje, bazterreko bidea topaleku. Oraingoan arrezifea izan omen zen hiri desordenatuak elkartu gaitu ‘Klase sindikatuak’ irakurri dudanean kale zaildu baten plaka zailduagoan. Hurrengora arte, kamarada. HAURREN AHURREAN Maitasuna baldintzarik gabekoa da maitasuna ematea da maitasuna dena da maitasuna mugagabea da maitasuna hori guztia izanagatik ere edozein haurren ahurrean kabitzen da. DUNA Neuk ere amestu dut Kapuscinskiren iceberga baina neurea duna bat da dena kiskaltzen duen itsas desertuan dago geldi bertan ere ez dago gizatasunik baizik eta desjabetuen ehiza. Duna magalean haize sugarrak biziraute ahaleginetan ari direnak eguzki eztenek baino gehiago mintzen ditu. Negar egin dut halere nire urak ez dira haraino ailegatu bidean idortu dira. Bizirik dirauten gorpuei erreparatu diet haizeari adi ikusi dut asko hortzak erakutsiz eutsiz irriño keinua sumatu diot hainbati: desesperazioa ala esperantza? ARGI-ILUNAK Argi txintxa batek isiltasun ilunaren atepetik marboil urdindua biribildu dizu. Argi txintxa batek eta segituan beste batek ahanzturak instant bitan argitu dizkizute. Argi txintxa batek gelditasun ilunaren atepetik zeru gortua hurbildu dizu. Argi txintxa batek eta segituan beste batek ametsak instant bitan eten dizkizute. Puertito de la Cruz puntako farozain bihurtuta argi-ilunen mundua dantzan dabilkizu. ZUREZKO BIHOTZA ZEUKAN Zurezkoa zeukan bihotza hasiera ere ostu zioten antzinako Agaldar herriari egin zioten legez. Zurezkoa zeukan bihotza, sano sendoa baina jagon behar zena. Zurezkoa zeukan bihotza, leuna baina kolpe bakarrez apurgaitza zena. Zurezkoa zeukan bihotza, maitasun suaz erre egiten zena. Zurezkoa zeukan bihotza, maiteminek zizelkatuta ertzak biribildurik zituena. Zurezkoa zeukan bihotza, gaur monotoniaren kresalak zimelduta duena. Baina oraingoan, aurrekoetan ez bezala, bernizarekin ez da nahikoa izango tolesdurak berdintzeko. Zurezkoa zeukan bihotza gaur Galdar deitutakoaren adreiluzkoak diren mendi zipriztin koloretsuek jatorrizkoen garaian izan zutenaren modukoa. ITSASOAK DARAMANA Uhinen dantzaldien mendeko Poris de Abona arrantzale etxolak itsas bazterreko haitzen sabelak dira egunero legez leihotik begirada itsasoratu aulkian dagoen arropa karratua jantzi makilaren beheko muturra zapi laukidunaz zorroztu goiko muturra ezkerreko eskuaz maitekiro oratu oinak abarketa epeletan kokatu eta abiatu egin da kalatxoriak lekuko kantari mosaikodun harjauzia jaitsi eta espartinak erantsi ditu ortzia jokaleku hodeiak eguzki herabea estali ez estali dabiltza eguneko itsasargi bilakaturik orain argitsu, orain ilun aldizkako epeltasunak ezin dio oinazpietatik eskalatzen dabilkion hezetasunari aurre egin gauean zehar itsas prentsak trinkotutako hondarra behatuta makilari dantzarazi dio, emeki bezain tinko egunero desberdina den betiko esaldi galkor bera izkiriatu du ortzimugari adi bihotzetik arnas itsua egin eta etxerantz egin du atzera zapia uretara begira doakiola itsasgorak erantzuna ekarriko dion esperantzaz. BADATOZ Tourists go home, Refugees welcome HORMA IZKRIBUA Badatoz, badoaz, Puerto de la Cruzeko kale higatuetan barrena eta ez dira bueltatzen. Badatoz, badoaz, plastikozko sartu-irtenak eta ez dira bueltatzen. Badatoz, badoaz, letra lodidun txokoak begiratu eta ez dira bueltatzen. Badatoz, badoaz, gerizpetako putzuak saihestu eta ez dira bueltatzen. Badatoz, badoaz, gure bazterren arimen koloreak lapurtu eta ez dira bueltatzen. Badatoz, badoaz, moda jatetxe desproletarizatuetan bazkaldu eta ez dira bueltatzen. Badatoz, badoaz, gure auzokideen bizileku zirenetan gau bakarra egin eta ez dira bueltatzen. Badatoz, badoaz, kukuak ez dakarkiguna ekarri arren larregi kendu eta ez dira bueltatzen. Baina nor naiz ni ezer esateko, jabea lotaldian dagoela leihotik begira ari den txakurra baino ez naiz. BIDAIATUKO GAITU ‘Bidaia’ aditzaren objektu ezkutua bilatzen ari garela bidearen jostunak arauak desobeditu eta sintagma aldatu digu osagarririk gabeko subjektua zena subjekturik gabeko osagarria da. Orain arte guk bidaiatu dugu hemendik aurrera gu bidaiatuko gaitu. Nork baina? HAUTACUPERCHEREN OIHARTZUNA Vacaguaré GUAYANFANTA Kanariarra izan nahi dut baina belaontzi erraldoietan etorri zirenek oraindik ere ez didate uzten. Binbatxea izan nahi dut itsasoari besarkatuta bizi naizelako. Mahoreroa izan nahi dut nahiz eta nire herriaren jatorria misterioa izan Homerok zorioneko herritzat gintuelako. Mahoa izan nahi dut nire zainetan oraindik irakiten dabilen arbasoen laba daramadalako. Gomeroa izan nahi dut gure jatorrizko hizkuntza erauziagatik ere txorien moduan ere mintza gaitezkeelako. Benahorita izan nahi dut emakume zein gizon, zahar zein gazte, bakean zein gerran, heriotzari beldurrik ez diogulako. Guantxea izan nahi dut akabatu edo esklabo bihurtu gintuzten arren gure zazpi izarrek beti berpizten gaituztelako. Kanariarra izan nahi dut topikoen portua atzean utzita utopiarantz noalako, baina aireko nao erraldoietan zatozenok ere ez didazue uzten. BESTE BAT Beste kolore bat amatatuta da bazterreko herri batean Agulon entzun zen azken kopla nola. Beste hizkuntza bat lehortu berri da bazterreko herri batean Aguloko ur-jauzia nola. Arrazoia zeukaten jatorrizkoek: lurrak isiltzen direnean urak hustu egiten dira. BAGAJEA Gomerako San Sebastianen ikusi zaitut berriz platano eta gazte abizen adina sarraski garraiatzen ikusi dituen portuko sarreran esku leun batek noiz helduko zain. Hainbat belaunaldiren lekuko izanagatik, ez duzu lortzen baten bizipenak tolestea ordena jakinean jarri ahalik eta gutxien okupa dezaten eskuragarri egon daitezen. Azala zimurrez josita edukiagatik, ez duzu ikasi atxikirik doazen berunezko sufrimenduak ondo kokatzen gehiegi pisa ez dezaten. Kilometroak eta miliak ibiliagatik, zirrikitu bihurgunetsu bezain estuak baino ez dauzkazu libre paper birziklatuzko ametsak sartzeko. Azkenean betiko legez kasik ezin zarratuta ez duzu lekurik eduki poliespanezko ondasunetarako eta ostera ere aurkako noranzkoari ekin behar. Pedro Lezcanorena, behintzat, larruzkoa zen, baina zu, enegarrenez desplazatu behar duzuna, kartoizko maleta zara. Hala ere, bideak ikasarazi dizu kontua ez dela indartsua izatea, indartsu sentitzea baizik. Gomerako San Sebastianen ikusi zaitut ostera ere platano eta gazte abizen adina sarraski garraiatzen ikusi dituen portuko sarreran esku leun batek noiz helduko zain. MAIZTASUNA Olatu bat hautsi da. Bat bi hiru lau bost sei zazpi zortzi bederatzi hamar hamaika hamabi hamahiru hamalau. Beste olatu bat. Uhinen arteko tarteari maiztasuna deritzogu, zenbat eta segundo gehiago orduan eta olatu hobea. Bat bi hiru lau bost sei zazpi zortzi bederatzi hamar hamaika hamabi hamahiru hamalau. Beste olatu bat. 14 segundotan ume bat ekarri nahi duela erabaki dezake familia batek. Bat bi hiru lau bost sei zazpi zortzi bederatzi hamar hamaika hamabi hamahiru hamalau. Beste olatu bat. Berekoikeriak balizko haur bat erreskatatuko du baina tarte honetan zenbat ume eraman ditu kapitalismoaren tsunamiak? Bat bi hiru lau bost sei zazpi zortzi bederatzi hamar hamaika hamabi hamahiru hamalau… ITSAS UHINAK ETA HODEIAK Itsaso, nik zu lakoa nahi nuen izan ALFONSINA STORNI Itsasoak olatuak gordetzen ditu harik eta itsasertz egokia aukeratu arte. Itsasoak olatuak gordetzen ditu harik eta surflari asegaitzei eskaini arte. Itsasoak olatuak gordetzen ditu harik eta hondar defendagaitzaren aurka oldartzen diren arte. Orduan aparra zeruratzen da eta lehorreko haizeak mugitzen ditu hodei sortu berriak marboil batetik bestera. Baina kalma zuriko egunetan nork mugitzen ditu ortzimugako sekretuak estaltzen dituzten ametsak? LAGUNAKO LAGUNAK Euri lotsatia erori da gauean zazpi neba-arrebetatik ederrena ei den uharte txiki orlegian. Umea kalera atera da beste haurren hots jostagarriak bilatzen. Bertako bi familia daude hamaiketakoa egiten. Jatorrak, xumeak, eskuzabalak, autentikoak. “Euskaldunak? Bai? Pertsona onak, hortaz.” Txerriki errea jatera gonbidatu gaituzte, bat egin dugu, nahastu egin gara. Lagunartean sentitu gara aspaldiko partez. Barreak eta algarak, jana eta edana, berba arin andana. “Badaki umeak hitz egiten? Apur bat bai? Euskaraz baino ez! Tira ondo deritzot dialektoak-eta mantentzeari, baina…” Gaurko lagunak jatorrak, xumeak, eskuzabalak, autentikoak izan dira Laguna de Barloventoko lagunak, baina… HARRIA ETA ORRIA Adiraneko herriko plaza arratsaldez, lautada ikaragarria mendiek eta harriek besarkatuta, enbor zabaleko arbolapean haragizko zuhaitz zaharrak diren edadetu ugari. Lorategiko petrileko erpinean harri biribil anonimo batek zapaldua orri bat dabil giroarekin jostari. Beltzez jantzitako pertsona lurrindu berria hurbildu zaio harriari eztarri zailduen txioak isildu dira bat-batean eta begiratu diote adi-adi. Harri hotza hoztasunez jaso orri askatua leunki tolestu eta beste orri berri bat paratu du harripean. Agureetako bat altxatu da, poliki-poliki lorategi bazterrerantz abiatu da garabi herdoilduen moduan makurtu harria higitu eta orria irakurri du. Arratsaldero egingo du osteratxoa harik eta harri higatuak haren izena eta argazkia daramatzan orritxoa estutu arte. AFRIKAR XUXURLA Eguzki urreztatzailearen azpian dago eserita garagardoa dauka mahaitxo gainean ondoan alemanez eta ingelesez idatzitako karta. Bazterreko ebanozko saltzailea hurreratu zaio trago luzea eman dio zerbeza izerditsuari zeruaren eta itsasoaren bisagran galdu du begirada. Kaleko saltzaile gardena aldendu zaionean hondar zilartua ere bertara inportatu duen haizeak Afrikan zaude xuxurlatu dio belarrira PARADISUA Paradisua uneak dira, ordu bat, minutu batzuk, olatu bat. IÑIGO URDIÑAGA Uharteetako bazterreko bide biluztuetan barrena asfaltoa itsasotzen denean izarrak lemazain dira orduan edozein denbora bazterretan dago paradisua. SORTALDERANTZ BIDE BAZTERRETIK Bidaiatzea mundutarra sentitzea da GABRIEL GARCIA MARQUEZ ELKARTASUN PORTUA Bizirik irauteko astintzen ditugu hegoak, bizirik irauteko gara etxetik kanpo. EKHINE EIZAGIRRE Puerto de Santa Marian lehorreratu gara eta autokarabana barrutik atera dut bide bazterreko geldialdi honen argazkia, badaezpadakoa, kontu handiz, atzeko (des)eraiki(n)a ondo ikus dadin. Eguneroko eta gaueroko borroka portua, batelak ametsetan baino ez dauzkan portua, kresalik gabeko adreiluzko mendeku portua, astebururo elkartasun olatuek astintzen duten portua. Puerto de Santa Marian lehorreratu gara eta autokarabana barrutik atera dut bide bazterreko geldialdi honen argazkia, selfiea, koloretan egonagatik ere zuri beltzean atera den fotografia. HAIENAK Haien banderen zimurretan gure orbanak dakuskigu. Haien ereserkien melodietan gure jendearen oihuak dantzuzkigu. Haien garaikur distiratsuetan gure itzalak dautza. Haien diskurtso hutsaletan gure ahanzturak gogora dakartzagu. Haien ametsak gure amesgaiztoak bihurtu dira. ZINTZILIKATUTAKOAK Bazterrekoak izan nahi dugu, baina ez baztertuak HORMA IZKRIBUA Eraisten ari dira hiriburuetan bizilagunen ikur desberdinen ortzadarrak oharkabeko katarsia hezeak auzokide baten ertzen bide-orriak izan daitezkeenak. Eraisten ari dira hirietan auzokoen puzzle inperfektu nahasiak amorruz urkatutako ale desordenatuak etxeko pertsonaien izaeren igarkizunak izan daitezkeenak. Eraisten ari dira herri handietan klase sozialen modelo uniformeak akitutako barnealde irauliak ezkutukoen nontzeberri salatariak izan daitezkeenak. Eraisten ari dira hala leihoetan nola balkoietan zintzilikatutakoak txukuntasun modernoaren izenean. Eraikinak azaletik berdindu dituzte berdintasun modernoaren bila liburutegietako liburu mosaikoak apalategi hits huts bihurturik. Julià de Jòdaren desertorearen El Ravalen ere zintzilikatutako arropa eraisten ari diren honetan bazterreko bideetara jo beharko du gobaden errealismo magikoa irakurri nahi duenak. EZ GALTZEKO BERMEA Arrasti batean herabe hurbildu nintzaizun lekua utzi zenidan trukean ezer eskatu gabe. Zure hamaika zapiek gaua koloreztatu zidaten zure adar baten pean topatu nuen grinentzako aterpea. Arin pitzatu zenizkidan arrakalak jabetu nintzenerako maitemindurik nindukazun. Zure sugarrek agerikoen itzalak ikusarazi zizkidaten pozaren eta sufrimenduaren balantzan zabukatu ninduzun. Baztertua nahi zaituzten honetan, bazterreko bideetatik jarraituko duzu bide ertzak astinduz bide berriak eraikitzeko. Herriaren sustrai sakonenetatik hazia iraultzarako agortezina den iturburua, bidea(n) ez galtzeko bermea zauzkagu herri mugimendua. OKZITANIAR URMAELA Parlez français/ Soyez propre ARAMITSEKO ESKOLAKO KARTELA Paisaia ele bietan dakusat baina ele bakarrean dantzut olio frantsesak estaltzen duen okzitanieraren ur estuetako hainbat hiritan. Mistralen alaba Mireio ezagutu behar izan dut Lassaqueren solstizioa probesturik diglosiaren geruza tarte baterako pitzatu eta okzitaniar urmaeleko uretan lohitzea lortzeko. MUNDUA Antzina gure mundua ez zen biribila hodeiertza zen infernurako erpina, beldur gorenen amildegia; forma esferikoa ezin topatu nabilkio nahiz eta Pisako dorrea gorantz biribiltzen nabilen. Largabista bidez begiratuta ere ertzak dira nagusi mugetan bereziki simetria kapitalak dauka hila. Aspaldi mundua ez dela biribila eta Pisako dorre makurra ere ez nahiz eta kamuflaje uniformedunez inguratuta dagoen. Mundua biribildu zuen euskal nao gaztelartuaren aztarna gordina ikus dezaket dorrearen goialdetik beste mundutarren mundua zulatu zuen antitesia. LAU(R)AK Luccako eskola pareko txinboetako gerizpearen su-etenean historiak bildutako hiriaren dorre garaiek launa aldiz astindu dute bakea. Umeak karrakan azaleratu dira paper bana eskuetan gurasoen moilaren peskizan. Baina gaurkoan atzokoan ez bezala ume gehienek ez dakarte irria iltzatuta. Italiar selekzioko elastikoa daroan umearen amak besarkada eten du paperean 4 zenbaki gorria begiztatu duenean eta italiera alemanieratuan txilio egin dio. Amak umea tiraka eroan du txinboetatik eta umeari jarraiki doakion paperezko atoi lauan ere elastiko urdinaren atzealdeko 4 zenbakia ikusi dut. Nire umearen jolaserako gogo zenbaezinari begiratu diot. 9,8 metro segundo koadroko abiaduran amildu zaizkidan 4 malkoek ere jo dute arrastiko laurak. PIZKUNDEAK BERPIZTUTA Duomotik elkartzut doan karrika hartu dut gerizpetatik arnas bila, italiera aditu dut berriro turisteraren oihartzunen gainetik. Ate baten koskan eseri naiz, Sarriren olerki bilduma atera dut bizkar zorrotik. Aurrez aurre daukadan adreiluzko lekuko iraunkorrak erantzun dio liburuaren galderari paretan itsatsitako paperean zizelkatutako poema anonimoa Movimento per l’emancipazione della poesiak sinatuta. Poesia berpiztuta altxatu egin naiz, Danteren etxea dion atea bizkarrean utzita Pizkunde erdiguneko infernutik atera eta Arnorako bideri ekin diot. HARAGO Leku orok dauka alderen batean bere bazterra labirintotik harago egon ohi dena. Pertsona orok dauka bere bestea labirintotik harago egon ohi dena. Errairik gabeko bideetan bai muinean bai geruzetan uste baino hurbilago dagoen ustezko urruntasunean bideak tolesten direnean zerua itsaso bilakatzen denean errazago azaleratzen da bazterra. Leku orok dauka alderen batean bere bestea labirintotik harago egon ohi dena. Pertsona orok dauka bere bazterra labirintotik harago egon ohi dena. Erdibitzen nauen ibaiaren beste aldean ezagutuko al dut neure Oltrarnoa? HIRIRIK GABEKO HIRIA Vaporettoz hurbildu gara hiririk gabeko hirira, izandakoaren malenkonian flotatzen dago Mark Twainek zioen Adriatikoaren neskalagun alarguna. Behin lehorreratuta eguzki errainuek hiribakoaren ilunak ikusarazi dizkigu arrakalak eta zimurrak agerian idorrak eta hezeak. Alabaina iluntzean aurkitu gaituen ilargi beteak urdindutako marmolak zuritu dizkio eta Lord Byronen hiri kutuna azaleratu da behin-behinean. LABIRINTOAREN IRTEERA Lecu on bat da Escocia obeagoa da Venescia JOAN PEREZ LAZARRAGA San Marco ederregia maskaradunez mukuru, Elsinor lurrinak bustia. Gondolen asimetriaren legearen aurkako korrontean hamaika zubitara, karabelen lehorreratzearen gaineko herri galdeketa ez ofizialaren isla atrakatuta daukan ataria. Corto Maltesen ghettoko eraikinaren goiko pisuko leihoan gondoliere ez deserriratu baten arropa zintzilikatuta. Labirintoaren irteera apika, uretara makurtu eta bat-batean maskaradun batekin topo egin dut. FUSINATIK Fusinatik begira ari natzaio itsasoaren mailak gora egin duela ematen du ez dakit Venezia Historiaren itsasoak irentsi nahian dabilen edota dolu-minak jota Veneziak Stornirena egitea erabaki duen. Fusinatik galdezka ari natzaio zer gertatzen ari da? zer daukazu? zurera itzuliko zara? Fusinatik begira ari natzaio kaio ilunegia itsasertzean pausatu da axolagabe begiratu nau eta “inoiz ez” esan dit venezieraz. ORDAINDU EGIN BEHAR DA Ordaindu egin behar da Izolako hondartzako dutxa erabiltzeko. Ordaindu egin behar da Luccako hiribilduko komunetan txiza egiteko. Ordaindu egin behar da Sant Pere Pescadorreko ibaian arrantza egiteko. Ordaindu egin behar da Cadizeko edozein kaletan autoa aparkatzeko. Ordaindu egin behar da Corralejoko gasolindegietan txorrotako ura hartzeko. Ordaindu egin behar da Euskal Herrian euskalduna izateko. BASQUE Letra batek, batzuetan bik edo hiruk gehienez, muga ditzakete familia bat. Letra batek ezar diezaioke familia bati bide osorako barra kodea. Bohinjsko Jezero laku ertzean sei letradun silaba bakarreko hitza nahikoa dugu matrikulako letra bakar horri aurre egiteko. OSO GAITZA Oso gaitza egiten zait baina behin lortu nuen, laukizuzen koloredunek zipriztinduriko moketadun gela zuri lasaian arnasketari adi begiak itxita argi biribilari begira. Oso gaitza egiten zait baina batzuetan lortu dut, ohol luzearen gainean arraunean itsasoak kulunkatzen nauela haizeak esanahi gabeko kontu ezagunak xuxurlatzen dizkidanean. Oso gaitza egiten zait baina askotan lortu dut, larru jolasetan narrasti zizpuruak lapurtzen dizkidatenean. Oso gaitza egiten zait baina zeuk biziarazi didazu, lehenaldia dagoeneko ez dagoela geroa oraindik ez dela denboraren kate luzea orainaren katebegiz osatuta dagoela. Oso gaitza egiten zait baina zurekin orain irria, orain negarra, orain gosea, orain kaka, orain musuak, orain jolasak, gelditzen ditut gogoaren kanpandorreko orratzak, ez dut salto egiten kapituluaren amaierara, ez nabil ez haizetakoari ez erretrobisoreari adi, bizi dut oraina, hementxe, oraintxe, baltsamatutako Škofja Lokan zuri loa eragiten. EGUNKARIA Merkatuaren sarrerako bazterra edozein partikula salgai duen dendatxo zaharra egunkarien labekada berria ale bat erosi dut bertoko hizkuntza ulergaitzean. Egunkaria galtzarbean azokako lurrinak dastatzen galdu naiz eroso harik eta ase naizen arte. Aulki lohitu batean kamuflatzen ahalegindu egunkaria zabaldu orriak banan-banan pasatu eta nazioarteko atalean pausatu naiz. Portugal suteak jota Protestak Turkian eta Polonian Siriako su-etena kolokan Yemen: Munduaren inoizko krisi humanitariorik handiena. HURRENGO BATEAN Ljubljanako txirrista eta zabu bako haur parke jostagarriagoan elkartu gaituzte gure umeek ezaguna egin zatzaizkigute elkar ez ezagutu arren eta gure umeek hizkuntza desberdinez berba eginagatik ere elkar ulertu dute. Txirrista eta zabu bako haur parke jostagarriagoan elkartu gaituzte gure umeek haiek ez bezala nahi bano gutxiago mintzatu gara ez dugu hizketa gaia zuritzerik izan itzuleragatik mamiak hurrengo batean izan beharko du. Hurrengoan teilatu batean jesarrita bertoko ekoizpen txikiko garagardo bat eskuan izan dadila langile etxebizitza garaien teilatu gris karratuak erdiguneko eraikinen teilatu laranja hirukietan itsasoratzen ikusteko. Hurrengoan dragoiak alde batera utzita izar gorri bilakatu zen zure birraitonarena eta langileen mendeko fabrikaren ukabil bihurtu zen zure amamarena izan daitezela. Hurrengoan arimarik gabeko merkantzien museoak baztertuta Metelkovako poztasun autogestionatuarena izan dadila, sormen eza atxilo bakarra den espetxe askatuan artea bizitzeko, arteaz bizitzeko. Hurrengoan turismo gidak beharrean gure gurasoen etxeak defendatzeko izan dadila Ciril Berglesek itzulitako zubiari esker nork berean eta nork beretik partekatzeko. Hurrengoan ibaiertzeko paseo homogenizatzaileak gomendatu beharrean ibaitik taula gainean arraun egiteko izan dadila zubipeetatik ertzak ezagutzeko Google mapseko perspektibari estoldetatikoa eransteko. Txirrista eta zabu bako haur parke jostagarriagoan elkartu gaituzte gure umeek haiek ez bezala nahi baino gutxiago mintzatu gara ez dugu hizketa gaia zuritzerik izan itzuleragatik mamia hurrengo batean izango da. SARTALDERANTZ ITZULERAKO BIDETIK Bidaiatzea itzultzea da GABRIEL GARCIA MARQUEZ BIDEKO BIDEAK Bideko bide eratuak, atzo eta gaurko kolonoentzat bideratuak. Bideko bide lerratuak, zabalak izan badaitezke ere gehienetan errailek estutuak. Bideko bide erratuak, bide orri gehiegi bezala gutxitan direnak konponbideak. Bideko bide erantziak, estuenak bezain zabalenak diren bazterreko bideak. ESATARIA Irratia piztu dut pilotukidearen jesarleku hutsean eseri eta hizketan hasi zait esataria: Zoritxarrekoa behin bidaia luzea egiteko zortea izan duena; bera eta bere bestearen arteko dialektika piztu duelako. Zoritxarrekoa behin bidaia luzea egiteko zortea izan duena; hemendik aurrera bidea duelako bide bakarra. Esatariak alde egin eta musika jarri du: Chopinen nokturno bat. XEHEA EDO LARRIA Bazterreko bideetan toponimoak letra xehez idazten dituzte. Bide bazterretan antroponimoak letra xehez idazten dituzte. Baztertuen bideetan singularra ardatz den horietan plurala lehenesteko izen arruntak dira letra larridun bakarrak. BI NORANZKO El mundo se divide, sobre todo, entre indignos e indignados EDUARDO GALEANO Orroak nonahi adi daitezke gerturatuko dira badatoz itsasoz lurrez airez. Kapitalaren armada ahalguztidunekoak kontainerrez koloreztatutako munizio ontziak atoi bikoitzeko hornidura kamioiak turistaz betetako miliziano hegazkinak. Orroak nonahi adi daitezke gerturatzen ari dira badatoz itsasoz lurrez airez. Irregularrak emanagatik erregulartasun handiko zikloak behin eta berriro inposatuz datoz. Bidean aurkituko ditugu. Orroak nonahi adi daitezke gerturatzear daude badatoz itsasoz lurrez airez. Noranzko bakarreko bazter gutxi dago mundua noranzko bikoitzekoa da zapaldutako galtzada honen modukoa. MILANO-TORINO Milanotik Torinorako bidean orain lau hamarkadako langileen orroak entzun ditut gure autokarabanako FIAT motorretik askatu nahian. Baina horrenbeste denbora igarota den-dena nahi al duzue oraindik, Alfonso? Laster Torino pasatuko dugu, adituko al dituzte orduan Nanni Balestriniren ikusezinen orroak karrozeriaz bestalde? TORINOKO ILARGIA Ilargi bete zeru Torinon. Storniren argizagi bidaiariak Salgariri eta Paveseri ere heriotza, maitasuna, misterioa, hiru hitz mitikoak esango ote zizkien gau tragiko horietan? TUNELETIK Ez dut atera nahi, ez dut atera nahi goiko teilatuaren antitesia den erraietako tuneletik. Ez dut atera nahi, ez dut atera nahi min ematen didan inkomunikazio errainuetara. Ez dut atera nahi, ez dut atera nahi zilegitasuna zilegi izateko zaila den legezkotasunera. Ez dut atera nahi, ez dut atera nahi harrapariek antolatutako sasi jokoetara. Ez dut atera nahi, ez dut atera nahi ahulenak kolpatzen dituen sarraskijaleek harrotutako itsasora. Ez dut atera nahi, ez dut atera nahi nire tunel ilun bezain bakartitik baina… BIDESARIA Xukritarren herriko autotzar gobadadunak bestetasunaren samak zapalduta ia bat egiten du asfaltoarekin. Ezkerreko errailetik narras doi-doi aurreratu gaitu ailegatzeko irrikak bultzatuta. Autoaren gaineko parrillan metropoliari idokitako ongizatearen zati bat daramate aspaldi ibilitako izuen gordelekuen bidearen aurkako noranzkoan. Pitika-pitika aldentzen joan zaigu narrasti konkorduna harik eta autobideko ordainlekuan bat egin dugun arte. Berriro ere ordaindu behar. Noiz arte? TXIRRISTAPEKO MADARIKATUA Zeren eta gaua geurea baita PATTI SMITH Jarduera anitzeko parkean ikusi zaitut gau urdinean, errefusatua, umeek egunez ametsetan legez jolasteko txinbo ikusgarrietan because the night belong to us Beste iheslari poetiko bat izan zaitezke ontzi hordian itsasoratutako gazte madarikatua Rimbaudek egin bezala Marselhan ere hondoa joko duzuna. Zeu ere beste bat da? because the night belong to us Gauerako ere pentsatuak ematen duten jolas-lekuko txirristapeko kautxuan amesgaiztoen kartoi-ohean kanta-marmarrean hasi zatzaizkit because the night belong to us BIDAIARIREN BAT Kargarik gabe abiatzen omen da egoaren hegoak bilduta ahalik eta arrastorik txikiena uzteko bidean. Ume begiak omen dauzka txikitasunak handi ikusten dituelarik eta txikia izanda handi sentitzen da. Denbora solidotzen omen du haren eskuen ahurretan hartzean laban egin ez diezaion. Inperfekzioak omen ditu xede Barthesen turistaren arduragabekeria etikoaren pandemiaz ohartuta horizontalean baino ez du bidaiatzen. Ez omen du itzalik sortzen eta bere mundua deseraikitzea lehenesten du. Ez omen dio ezer zor bideari ez du atzerriratu behar bidaiaria izateko bidearekin bat eginez bide bihurtzen da. Ba omen da bidaiariren bat atzerako ispiluan islatzen ez dena. KAPUSCINSKIREN ERRETROBISOREA Maparen zirkunzentroa ongietorri angeluzuzena azken biribilgunean ziaboga poztasunak eta tristurak gogoa orekatzen dabilzkit. Ispiluko begien biribil artean irakurri dut dagoeneko desberdina naiz bizitako bideak mamiberritu nau bestelakotu gaitu. Atzerako ispilutik begiratu dut ibilitako bideari eskerrik asko esan nahian baina jada ez dago oroimenak irentsi du. Irudiak, lekuak pertsonak, bizipenak marren alde batekoak ala beste aldekoak. Atzean utzitakoan bidea desagerrarazten zuen Kapuscinkiren erretrobisorea zuzen zebilen geografia nozio subjektiboa da akordio antzeko bat. AZKEN HITZAK Ene, Julio, zein gutxi iraun duen bidaiak… Ksomopistako Autonautak CAROL DUNLOPEK JULIO CORTAZARRI ITZULERA Etxera bueltatzen naizen bakoitzean berdeagoak dira zure mendien hegoak; itzultzen naizen bakoitzean freskoagoak dira zure lotsaren gerizpeak. Etxera bueltatzen naizen bakoitzean gorriagoak dira zure borroken afixak; itzultzen naizen bakoitzean bihurriagoak dira zure sentipenen sustraiak. Etxera bueltatzen naizen bakoitzean biziagoak dira zure betiko begiradak; itzultzen naizen bakoitzean zabalagoak dira zure irribarre ausartak. Etxera bueltatzen naizen bakoitzean beroagoa da zure elkartasun ohea; itzultzen naizen bakoitzean zaporetsuagoak dira zure plazetako txokoak. Atzera etortzen naizen bakoitzean ederragoa zara; harik eta zurrunbiloaren tanta amilduek zuritzen zaituzten arte. Mila esker Mikel Etxaburu Osari, Malen Amenabar Larrañagari, Ruben Sanchez Bakaikoari, Ibon Zubiela Martini, Gotzon Barandiaran Arteagari, Leire Lopez Ziluagari eta, bereziki, nire bidaide Eunateri.
booktegi.eus http://tartean.com/ Zergatik, Jamil? PATXO TELLERIA Iluna. Agentea off Hilketa lazgarria izan zen. Hildakoa ohean aurkitu zuten, bularrean hurbiletik egindako tiro bat zeukala. Elbarria zen, atrofia muskular progresiboagatik, beraz ezin izan zuen inolaz ere defenditu. Ustezko hiltzailea Jamil Chauan da, magrebiar jatorriko gaztea, biktimaren zaintzailea izandakoa. Gazteak etxaurrea konpontzeko jarrita zegoen andamioa erabili zuen etxeraino iristeko. Krimena burutu eta gero, andamiotik behera jeistean, laban eginda lurrera erori zen, eta konortegaberik geratu. Bere ondoan bederatzi milimetroko Sauer pistola semiautomatiko bat zegoen, isilgailuarekin. Biktima hiltzeko erabili zen pistola bera. Susmagariari ezin izan zaio galdeketarik egin, kolpearen ondorioz, aldibaterako amnesia jasaten ari delako. Susmagarria epaitegira eramatea erabaki da, baina lekualdatzea atzeratu da, segurtasun errefuertzoen zain. Izan ere, komisaldegiko atarian jende multzoa pilatzen hasi da, berria barreiatu ahala, krimenaren bortizkeria eta krudelkeriak suminduta. Kanpotik ohiuak entzuten dira. Jamilek ohiuekin erantzuten die ohiuei. Jamil Gauto, gauto, hjaraimía! (Egin garrasi, kabroiak) Ána ma jaiafshi mánkow! Katsmaani? Ána ma jaiafshi mánkow! Ein garrasi! Benga, ein garrasi, putakumiak! Altuau, eztot entzuten eta! Ein garrasi eztarrixak urratu artian, astindu ukabilak, atara makilak eta aiztuak, nahibozue! Eztaukat bilurrik! Ia, altuau ein, eztot entzuten! Hartuixue hemendik! Buelta ematen du, amorruz. Jamil Ez, itxaron. Ez alperrik galdu indarrak, hemen luzatuko naiz ta. Eztakit zenbat, ordubete, bi, hiru… Eta ertetzen naizenian, han ikusi nahi zaitxuet ondiok. Zuen amorruak apur bat gehixau aguantatzia nahiko neuke, nitaz aspertu eta beste zeozerren bila hasi baino lehen! Zuen arpegiak ikusi nahi ditxut! Nire arpegia ikusi deixuen nahi dot!! Beiratu ondo, irribarriakin ertengo naizelako. Irribarriakin, ostia! Eta zuen mutur putara esanez: “Eztot inor akatu!” Ni enaiz izan!! Enaiz izan!! Putakumiak! ! Bere amorrazioan, ez da konturatu gizon bat espazioan dagoela. Ezezaguna Harritzen zara garrasiengatik? Jamil-ek buelta eman eta ezezaguna ikusten du. Ezezaguna Elbarritu bat akatu duzu kupida gabe. Moro hiltzaile bat zara. Normala ohiukatzea. Jamil Jun zaitxe infernura. Ospa hemendik. Ezezaguna Biok kabitzen gara hemen. Jamil Bakarrik egongo nitzala esan die. Ezezaguna Hainbeste inporta dizu? Jamil Bai. Eztot inokin egon nahi. Bakarrik itxiko nindutela esan die. Eztebe esan beste atxilotuekin egongo nitzanik. Ezezaguna Ni ez naiz atxilotua. Jamil Nor zara? Ezezaguna Xabier. Jamil Ez jat zure izena inporta! Xabier Zeuk galdetu duzu. Jamil Ze ostia eitxen dozu hemen, atxilotuta ezpazaure? Xabier Esaidazu zuk. Jamil Polizia zara, ezta? Xabier Ez. Jamil Ni zaintzeko bidali zaitxue, ez? Ezer arrarorik ez eitxeko. Xabier Zer egin zenezake arrarorik? Jamil Ihes eitxen saiatu. Edo barrotietatik zintzilikatu. Xabier Suizidatzeko gogoa duzu? Jamil Ez ba, ze koño...! Xabier Zeuk aipatu duzu. Jamil Hori izaten da pasatzen dana. Laga bakian! Ospa hemendik! Xabier Damututa zaude? Jamil Joder! Ez, ostia, eztaukat inungo damurik!! Memoria puta galdu dot, eztot gogoratzen zetaz damutu biharko nitzan. Xabier Baina jakingo duzu gizon bat hil duzula. Jamil Joder... Nik eztot inor hil! Xabier Elbarritu bat, laguntza eskatzeko indarrik ere ez zeukan gizagaixo bat. Jamil Ni enaiz ba izan! ! Xabier Eta orduan zer egiten zenuen andamioen azpian lurrean botata, pistola oraindik bero batekin? Jamil Eztaukat idea putarik ere ez! Ze ostiatan zabiz, galdeketia ein diate ya. Alperrik zabiz, hobe dozu etorri zaren bidetik jutia. Xabier Zergatik uste duzu errugabea zarela? Jamil Eztakitx nor naizen, eztakitx zelakua naizen. Baina nik ez neuke holakorik eingo. Xabier Ez zenuke inor hilko? Jamil Paralitiko bat behintzat ez, joder. Xabier Polbora arrastoak aurkitu dizkizute eskuan. Jamil Eta polizia eztala esaten deu putakumiak. Xabier Esan dizut ba ez naizela. Jamil Nekatu ein naiz joku honekin. Xabier Hasi besterik ez du egin. Jamil Nahikua, ostia! Esaiazu nor zaran, esaiazu ze ostia eitxen dozun hemen! Pazientzia galdu dot ya! Xabier Jo egingo nauzu? Jamil Eztaukat galtzeko askorik. Xabier Hobe duzu lasaitzea. Eta saiatu zaitez gogoratzen. Diotenez, oroimena berreskuratuko duzu piskanaka. Tira, begiratu aurpegira arretaz eta saiatu oriotzen. Jamil Ez. Eztakitx. Ezaitxut ezautzen. Eztakit nor zaren. Jun hemendik. Xabier Begiratuidazu! Begiratzeko esan dut!! Badakizu nor naizen? Begiratu ondo, kabroia!! Gogoratzen duzu jada? Gogoratzen duzu? Jamil gogoratzen hasten da. Jamil Ez! ! Xabier Ez, zer? Jamil Zu ez zara... Xabier Ni ez naiz, nor? Jamil Eztot holako kakatan sinisten. Xabier Zertan ez duzu sinisten? Jamil Itxi bakian! Ospa! Xabier Lasai. Jamil Kolpiak burua nahastau ditx, hori da. Zu ez... Xabier Ondo dakizu banaizela. Jamil Mamuak eztia esistitzen. Xabier Horixe existitzen direla! Izena daukan guztia existitzen da. Honela edo bestela. Ni neu, adibidez, zeure buruan existitzen naiz. Entzun nahi ez duzun abotsa naiz, behin eta berriro ohikukatzen dizuna: zergatik?? Zergatik? ? Jamil Isildu! Xabier Zergatik, Jamil, miserablea, doilorra, zergatik akatu duzu odol hotzean bere ohean etzanda zegoen elbarritu errugabe bat? Zergatik akatu nauzu? ? Jamil Nahikoa da! Xabier Uste baino luzeaga izango da hau. Jamil Itzi bakian, joder! Lagatzeko, kabroia! Xabier Ez zaitut utziko, moro nazkagarria, zergatik egin zenuen jakin arte. Jamil Laga, bestela...! Xabier Bestela zer? Berirro akatuko nauzu? Jamil Nik ez...! Xabier Bai!! Eta zerbait gogoratu behar duzu. Pistolaren hotza eskuan. Elbarritu errugabe baten aurpegia, armaren kanoi-zuloa izuturik ikusten. Polboraren usaina. Odola. Tira! Gogoratu! Beste oroitzapen bat datorkio burura. Etsipena eta amorruz beterik dago Jamil. Jamil Ez!! Ez! ! Zoruan kolpeka hasten da, amorrazioaren amorrazioaz. Xabier Ondo, Jamil, pausu handia eman duzu, azkenean ere gogoratu duzu zeu izan zinela akatu ninduen urdekumea, oso harro dago zurekin. Jamil Joder...! Xabier Ez, motel, ez da hondoa jotzeko unea. Oraindik ez. Lan handia geratzen zaigu. Jamil-ek ez du erreakzionatzen. Xabier Ea ba, zerria, esna zaitez! Ez zaitut bakean utziko zergatik egin zenuen aitortu arte. Tira! Zergatik? Zergatik? ? Jamil Eztakitx! Xabier Gogoratu behar duzu! Gogoratu egin behar duzu! Ea, pentsa! Zer datorkizu burura? Zerbait gogoratzen du. Jamil Odola. Xabier Nire odola? Jamil Ez, niria. Odola botatzen neban ahotik. Zeatik? Xabier Nirekin lan egin aurretik borroka klandestinoetan aritzen zinen. Jamil Bai. Ona nitzan. Dirutza irabazten neban apostuetan. Xabier Esku hezurrak apurtu zenituen arte. Eta lan bila hasi zinen. Polizi-txosten potoloa zenuen, baina nik lerdo honek, kontratatu zintudan. Jamil Errua zuria, fiatziarren. Xabier Arrazoi, errua nirea. Lehengoetara bueltatu zinen, ez? Borrokan ez, baina apostuetan ibili zintezke. Gaizki apostatuko zenuen, diru mordoa galdu... Jamil Asunto txarra da jente horrekin zorretan ibiltzia. Xabier Eta niri lapurtzea otu zitzaizun. Baina gauzak okertu eta akatu ninduzun, kabroia. Jamil Badakizu, orduan. Oin ni jodiduta nau eta zu hilda. Galtzen erten zara. Suerte txarra. Ospa. Xabier Nire zaindariak lapurtu eta hiltzen nau. Itzela naiz langileak kontratatzen! Jamil Ya enitzan zure zaindarixa. Kalera bota ninduzun. Xabier Interesatzen zaizuna gogoratu egiten duzu. Jamil Eurak esan diate. Beltzian pagatzen zinazula ere jakin dot. Xabier Beltzean! Ez esan hori, morito, kutsu arrazista dauka. Ezin nizun beste modu batez ordaindu, ez nizulako kontraturik egin. Esan dizute zenbat kobratzen zenuen? Jamil Ez. Xabier Kakazahar bat! Oso erreza neukan, ezin zenuen protestarik egin. Nire etxean ez bazen, non aurkituko zuen lanik poliziak fitxatutako inmigrante batek? Jamil Ni berton jaiotakua naiz. Xabier Okerragoa oraindik. Ez hemengoa eta ez hangoa ere. Kontentu egon behar zenuen zu bezelako bat kontratatzeagatik. Jamil Eta kontentu ere gero kale gorrira botatziarren? Xabier Zure errua izan zen. Ez duzu gogoratzen? Beste zerbait gogoratzen du. Jamil Emakume horren begiak, beti niri beira... Xabier Nire emaztea. Argi aldaketa. Xabier orain gurpildun aulki batean dago. Berna eta besoak dagokien atrofiarekin. Xabier Jamil! Jamil Bai? Xabier Emaztea joan da kaxatik dirua hartzera... eta ehun euro falta ziren. Jamil Ehun euro falta? Xabier Nola egin diguzu hau, Jamil? Jamil Parkatu, baina nik eztot... Xabier Ez hartu ergeltzat! Jamil Benetan esateixut nik ez...... Xabier Bildu zure gauzak eta alde etxe honetatik. Jamil Ez, mesedez. Xabier Ez dago bueltarik. Jamil Eztot dirurik hartu, benetan... Xabier Apustutan ibili zara, ez? Jamil Urtiak dia garito bat zapaltzen eztotela. Xabier Gezurra! Jamil Mesedez, ez ein hau. Deskontaiazuz ehun euro horrek datorren hileko soldatatik. Xabier Ez didazu ba esan ez dituzula hartu? Jamil Mesedez, bualtako deutsudaz. Ez ein hau. Eztaukat nora jun. Xabier Ospa etxe honetatik! Ospa! Ohiko argia dator. Xabier Burumakur joan zinen etxetik, barkamena eskatuz bezela. Itxurakeria, mendekua planeatzen hasita zeunden jada. Hobe sentitzen zara orain, kabroia, bularrean tiroa jo eta gero? Jamil Eneukan zu hiltzeko asmorik. Lapurtzera sartu nitzan. Xabier Pistola batekin? Jamil Lapurtzera! Lapurtzera bakarrik! Xabier Eta orduan zergatik egin zenidan tiro? Jamil Eztakitx. Norbait sartzen etzungo zendun. Igarriko zendun ni nitzala. Salatuko ninduzula esango zendun. Xabier Nolatan igarriko nuen zu zinela? Ni ohean nengoen, etxea ezagutzen duzu, bazenekien nire gelan ez zegoela ezer baliozkorik. Ez zinen gelan sartuko. Nola ikusiko zintudan, Nola jakingo nuen zu zinela? Jamil Neure ibilkeraren soinuagatik? Xabier Mesedez! Sherlock Holmes banintz ere! Jamil Usainatik. Xabier Usaina? Jamil Bakoitzak bere usain propiua dauka. Txakurrek ondo dakixie. Eta persona batzuk ere bai. Xabier Ados, nire usaimena hobetzen zihoan, beste guztia ondora zihoan heinean. Eta bai, baliteke zure usaina nabaritzea. Jamil Orduan badakizu: zorretan nenguan, lapurtzera jun, baina ezagutu ninduzun eta zu hiltzia beste erremeixorik ez neban izan. Dana argitxuta dau. Oin laga bakian. Xabier Eta harrapakina? Jamil Zela? Xabier Hartu zenuen? Jamil Eztakitx zetaz… Xabier Kaxa fuertean zegoena. Dirua, bitxiak, lapurretaren arrazoia. Non dago? Jamil Eztakitx. Xabier Kuriosoa. Poliziak ere ez daki. Ez da harrigarria? Jamil Zer? Xabier Poliziak kaxa fuertea irekita aurkitu zuen, eta hutsik. Baina zure arropetan ere ez zegoen ezer, ezta etxean edo andamioren azpian... Jamil Argi berba eingoixut, higuinduta naualako ya: eztixut esango dirua nun dauan. Batetik eztakitxelako. Eta bestetik, inoiz berriro gogoratzen bot, eztiotelako inori esango. Xabier Hilda nago, zer ajola dizu? Jamil Hori esaten dot nik, ze inporta jatzu zuri? Emaztian etorkizunak arduratzen zaitxu? Maite zendun? Ba sentitzen dot, diruripe gelditxuko da. Eztakitx ze pasau zan diru putiakin. Igual eninduan bakarrik. Igual baneukan konplize bat, eta diruakin alde ein dau putakumiak. Edo igual ez, igual ezkutatzia beste erremeixorik ezteu euki eta dirua nirekin banatzeko asmua dauka. Ondo etorriko jat, dirua biharko dot abokatuari ordaintzeko. Xabier barrez. Jamil Ze pasatzen jatzu? Xabier Barre egiten dudala zurekin. Amorratzen nau, akatu nauzulako, baina barregurea ematen didazu, Jamil. Jamil Hau absurdua da. Xabier Heriotza da absurdoa. Eta bizitza ere bai. Jamil Bueno, nahikua da! Ez ein barrerik. Honek eztauka grazia putarik! Xabier Arrazoi. Kito jolasak, Jamil! Jakin nahi duzu zergatik egin dudan barre? Inortxok ere ez duelako zurekin euro bakar bat ere partituko, ezer ez zenuelako lapurtu. Jamil Zer? Xabier Kaxafuertea hutsik zegoen. Gaixotasunak nire aurrezkiak xahutuak zituen. Jamil Ezeuan dirurik? ? Xabier Estu bizi ginen aspalditik, emaztearen soldatarekin, ozta ozta. Eta zuk bazenekien. Ondotxo jakin ere. Jamil Eztauka zenturik. Xabier Euki behar du! Tira, esna zaitez behingoagatik! Jamil Eztakitx, ostia! Zoroaldi bat izango zan! Xabier Ez. Zuk ez duzu inoiz zoroaldirik izan. Jamil Baina gaba haretan sobran edan neban. Enekien zer eitxen neban. Xabier Bapateko eroaldia eta alkoholaren eragina. Argudio bikaina epaiketarako. Sorte pixka batekin laister kartzelatik irten eta beste gizajo baten bizitza izorratu ahal izango duzu. Jamil Holan izan bihar izan zan! Derrepenteko zoroaldia! Xabierrek zerbait gogoratzen du. Xabier Ez, Jamil. Sentitzen dut ilusioa kentzea, baina epaiketan ez zara oso urrun iritsiko eroaldiaren aitzakiarekin. Jamil Zeatik ez? Xabier Krimena aspaldi prestatzen hasi zinelako, kabroia! Jamil Zer? Xabier Koartada bat atondu zenuen. Jamil Nola? Afrikara alde egin zenuela sinestarazi zenigun. Zure postale bat heldu zitzaigun handik. Jamil Bai. Telefonoz deitxu nizuen, nire gurasuen herrian nenguala esaten, Morokon, Atlas Mendietan. Xabier Damua sentitzen zenuela esan zenuen... Jamil ...eta faltan botatzen zintxuedala. Xabier Zure “amonatxo maiteak” ere agur egin zigun telefonoz, bereber hizkuntzaz, ez genion ezer ulertu baina. Jamil Bi zentimo terdi ordaindu niozen atso bati berba eitxeko. Ezan bereberra erez. Xabier Hemen jarraitzen zenuen, nire etxetik oso gertu. Jamil Pentsio zatar baten. Xabier Andamioan behera erori ez bazina, inork ez zukeen zure susmorik izango. Koartada ona prestatu zenuen. Ez zen bapateko eroaldia izan, Jamil. Aurrez prestaturikoa zen, alebosiaz. Jamil abailduta. Xabier Arrazoi bat egon behar du! Pentsa! Pentsa, kabroia! Gogoratu etxean bizi zinenekoa. Zer datorkizu burura? Oroitzapen gehiago. Jamil Zure emaztia. Bere begiradia gogoratzen dot. Beti niri beira. Xabier Bigarren aldia da emaztea gogoratzen duzuna. Zergatik? Jamil Zure emazteak eta biok harreman bat geunkan. Xabier Nola? Jamil Maitaliak ginan. Xabier Ez ergelkeriarik esan. Maite ninduen. Jamil Izan leike, baina zuk eman ezin zenduna bihar zeban. Xabier Jarraitu, jarraitu... Jamil Ezan gaztia, baina ondiok… emakume ederra zan. Hasieran sexua baino ez zan, arina, ezkutukua... Nire gelan sartzen zan eta txortan eitxen gendun isil isilian. Zaila da, baina eszitantia. Denporiakin sakontzen jun zan gure artekua, elkarren biharra geunkan, baina hor zeunden zu, gure artian zeuan oztopua zinan, traban zeunden. Bion artian antolatu gendun. Zure emaztiatik izan zan. Biok bakarrik egon nahi gendulako hil zintxudan! ! Xabier barrez. Jamil Zertaz eitxen dozu barre oin? Xabi Ez zaitut mindu nahi, baina barregarria da pentsatzea emaztea eta zu... Jamil Nik eztiot graziarik ikusten. Xabier Barka, baina abantailaz jokatzen ari naiz. Emazteak bazituen... prejuizio etnikoak... Denbora zeraman zu kalera bota nahian. Maiteminduta dagoen emakume baten portaera iruditzen zaizu? Jamil Etxetik bota nahi nindun? Xabier Ez zen konpontzen zurekin. Fikzioa eta errealitatea nahastu dituzu. Benetakoa iruditu zaidana, ordea, zera da, zure desioa. (Burlaz) Hara, hara, emaztea gustoko zenuen, eh? Jamil Igual... eztakit. Igual. Xabier Horixe zenuela. Eta dudarik gabe larrutan egin zenuen berarekin, zure ohean, isilean... eta bakar bakarrik. Xabier barrez. Jamil Ez barrerik ein. Xabier Barkatu, baina oso barregarria zara batzuetan. Xabier barrez. Jamil-ek pazientzia galtzen du. Jamil Isildu behingoz! ! Xabierre bortizki astintzen du Jamil Xabier Ixildu zu! Ez zaude niri oihukatzeko moduan! Gogoratu zeu zarela akatu nauzuna! Jamil-i oroitzapen bat datorkio. Jamil Tratu txarrak ematen zizkiazun! Xabier Nik? Jamil Umillatu eitxen ninduzun. Xabier Hara... Jarraitu hortik. Argi aldaketa. Xabier, gurpildun aulkian, elbarritasun osoaz. Xabier Jamil!! Jamil! ! Jamil Banixe! Xabier Non arraio zeunden? Deika ari nintzen, joder! ! Jamil Parkatu, nik... Xabier Garbitu nazazu! Jamil Zela? Xabier Garbitzeko! Jamil Baina... Xabier Kaka egin dut gainean. Jamil Baina... zeatik...? Xabier Nola zergatik? Ze galdera txatxua da hori? Garbitu eta isildu. Jamil Baina zuk eztozu inoiz... Xabier Noizbait gertatu behar zuen lehenengo aldiz. Segi, zeren zai zaude? Nazka ematen dizu? Ba izorra zaitez. Horretarako pagatzen dizut. Aguantatzeko. Jamil Xabier, zeatik esaten diazu...? Xabier-ek listua botatzen dio Jamil-i. Xabier Garbitzeko, joder! Ohiko argia. Jamil Putakume galanta zinan! Xabier Ez hola jarri, elbarritu samindu bat nintzen, ulertu behar duzu. Jamil Nahitxa ein zendun, ez? Abisau ahal zendun. Gainian ein zendun ni fastidixatzeko. Xabier Egia. Nazkagarria, baina egia. Jamil Disfrutatzen zendun, ezta? Gustatzen zitzazun abusatzia. Plazerra ematen zizun. Zelako suertia, koitxau baten bizitza zure kapritxuen menera eukitzia. Xabier Beraz sadiko makur puta bat nintzen. Jamil Horreatik hil zintxudan! Hilketa justua izan zan. Ni nitzan biktima. Zela enaiz oin arte konturatu? Ni naiz krimen honetan biktimia! Xabier Teoria polita, baina ez dizu ezertarako balio izango epaiketan. Baduzu frogarik? Tratu txar horien lekukorik dago? Jamil Oin ezin neike jakin. Xabier Ez orain ta ez inoiz. Ez dago lekukorik, tratu txarrik egon ez zelako. Joder, esnatu behingoz! Jamil Ez ikutu! Berriz ere ikutzen banozu...! Jamil-ek lepotik heltzen du Xabier, ito nahiean. Ondorioz, Xabierri oroitzapen bat datorkio. Xabier Aurreko batean ere ni hiltzen saiatu zinen! Jamil Nola? Noiz? Xabier Ez dakit. Orain urtebete, edo. Labana gogoratzen dut zure eskuan. Odola nire eztarritik irtetzen… Jamil Zu akatzen saiatu nintzan? Xabier Bai. Jamil Oin urtebete baino gehiao? Xabier Bai. Jamil Ta halan da guzti be, zuretzako lanean jarraitu neuan? Xabier Ez, ez du zentzurik. Nahastuko ninzten. Konzentratu gaitezen, itsumustuan ari gara, bueltaka, inora jo gabe. Jamil Nazkatu naiz ya asmakizunen joku honekin! Ze pasau zan baldin badakizu esaiazu behingoz, eta itxi nirekin jolastiari. Xabier Hasteko ez nago jolasean. Jarraitzeko, ezin dizut ezer esan. Hemen zeu zaude bakar bakarik. Zeu eta zure oritzapenak. Eta bakar bakarrik aurkitu beharko duzu zergatik egin zenidan basakeria hau. Jamil Gorroto zintxudalako. Insultatzen, umillatzen ninduzulako. Xabier Listua zergatik bota nizun aurpegira egun hartan? Jamil Putakume bat zinalako. Nik ze dakit! Xabier Zerbait egingo zenidan zuk, ez? Oroitzapen gehiago. Jamil Pastillak! Gauza bat gogoratzen dot, hori baino lehenao pasau zana. Zu ondiok eskuekin manejatzen zinan. Xabier Eskuak! Hori hasieran izango zen. Ni oraindik sasoian nengen. Jamil Pastilla pote bat zabaltzen zenbizen. Argi aldaketa. Xabier, aulkian, pastilla pote bat dorpeziaz irekitzen. Lortzen duenean, ahora eramaten ditu, nekez. Une horretan Jamil oldartzen zaio eta pastilla potea kendu. Jamil Zetan zabiz!! Zoratu ein zara ala? ? Xabier Eman hori. Jamil Ez! Ze demonio nahi dozu? Xabier Ta zuk zer uste duzu? Eman nire pastillak. Jamil Bat emangoizut, nahibozu. Bat bakarrik. Xabier Nor zarela uste duzu ba, nire medikua? Jamil Ez. Xabier Laguntzeko ordaintzen dizut, ez izorratzeko. Jamil Nire ustez oin laguntzen nabil, jauna. Xabier Bai zera! Jamil Pastilak gordekoitxut, zuk eskuratu ezin ditxuzun leku baten. Xabier Ez. Jamil Eta bihar badozuz, eskatu niri, edo zure emaztiari. Xabier Eman pastilla puta horiek! Jamil badoa. Xabier Zatoz hona, Jamil. Jamil! (...) Alua! Ohiko argia. Jamil Zure emaztiari kontau nion. Asko arduratu zan. Esan zian inoiz depresioren bat edo eukin zendula, baina inoiz ere ez puntu horretara heltzeko beste. Erne ibiltzeko eskatu zian, zuri begirik ez kentzeko, eta ondo gordetzeko medikamentuak eta zeure buruari kalte eitxeko erabili ahal zendun guztia. Xabier Ondo bete zenuen zure lana. Jamil Ein biharrekua ein neban. Xabier A ze bihotz zabala! Jamil Zu zinan nire lana. Zulora jun ezkero, agur dirua. Xabier barrez. Xabier Erantzun ona! Egiak esan behar ditugu, bestela ez gara inora helduko. Jamil Jakingo baneu nora heldu nahi dozun... Xabier Ulertzeraino zergatik joan zinen nire etxera ni akatzera. Ofizioko abokatu bat jarriko dizute, jakin beharko duzu zure defentsa nola enfokatu. Jamil Oin badirudi niri lagundu nahian zabizela! Xabier Arraroa iruditzen zaizu? Jamil Ze joku ostia da hau? Ze bilatzen zabiz? Nik hil zintxudan. Eztot sinisten lagundu nahi nozunik. Xabier Moro burugogorra! Hemen zu zaude bakarrik, eta espabilatzen ez bazara, zelda puta batean zahartuko zara. Egin esfortzu bat, joder! Jamil Ezin dot, kantzauta nau. Eztot ezer gehiau gogoratzen. Higoinduta nau guzti honekin. Higoinduta nau zurekin. Horreatik hil zintxudan, gaizki tratau ninduzulako. Hil zintxundan ni trapu zahar baten mouan erabiltzeko eskubidia zeunkalako, nitaz abusau ahal zendulako zigorrik jasotzeko arriskuripe. Hil zintxudan merezi zendulako. Eta kitxo. Amaitxu da jolasa. Kaleko oihuak entzuten dira berriro. Xabier Hara ta hona zabiltza noraezean, Jamil. Konturatu zara zenbat teoria asmatu duzun dagoeneko? Hil ninduzun diruagatik, patuagatik, maitasunagatik, eromenagatik, gorrotoagatik eta justizia sozialagatik. Sei. Katua banintz bizitza bakarra geratuko litzaidake. Jamil Baina ez zara. Katua bazina, zure buztana astinduko zenduke, eta zure buztana ezta... Biok irribarrez. Xabier Oso zorrotza. Baina gorde ezazu umore pixka bat kartzeletako dutxatan jaboneta erortzen zaizunerako. Beharko duzu ta. Jamil Nik gitxienez bizirik jarraitzen dot. Xabier Hobe taladratua, inzineratua baino. Biak barrez. Jamil Gustua hartukoiot igual. Xabier Agian neuk hartuko diot. Beti gustatu izan zaizkit barbakoak. Jamil Ostia, egixa, haragi azala ondo erreta! Xabier Martxan elbarritu bat plantxan! Nola nahi duzu, asko eginda...? Jamil Puntuan, inporta ezpajatzu. Xabier serio jartzen da. Xabier Ez dakit zergatik gauden barrez; zure egoera beltza da. Jamil Beltza ez, magrebiarra! Xabier Gauza bera, azken finean. Herri puta honetan bakarrik kristauok egiten dugu barre. Jamil Jaiungoikoaren Graziagatik. Barrez berriro. Jamil Arrazoi dozu, eztauka zentzurik. Ze eitxen dou guk biok barrez? Xabier Txistea ematen du: akatu nauzu, baina a ze ondo pasa genuen! (...) Ez, ez du zentzurik. Jamil Edo bai... igual zentzua dauka. Xabier Zerk? Jamil Barre eitxen gendun. Zuk eta bixok, lagun onak ginan. Xabier Ea argitzen zaren, oraintxe bertan gorrotoa aipatu duzu ta. Jamil Barre eitxen gendun edozertaz. Zure gaixotasunaz, heriotzaz ere bai, ointxe bertan ein doun moduan. Xabier Bai, Jamil. Barre egiten genuen, sano. Norbaitek ikusi edo entzun izan ezkero, inuxente parea ginela pentsatuko zuen. Jamil Oso umore arrarua zeunkan. Xabier Ba zuk ere... Biak irriz. Xabier Denek hitz egin zidaten zure aurka. Baita emazteak ere. Zure anteedenteekin, ez zinen ni zaintzeko pertsona egokia. Baina hasiera hasieratik jakin nuen. Lehenengo elkarrizketa hartan ikusi nuen zu eta ni onda berean genbiltzala. Argi aldaketa. Xabier aulkian. Paper bat dauka eskuan. Oraindik eskuak erabili ditzake. Xabier Ikustagun... (Irakurriz) Jamil Chauhán. Jamil Yamil. Xabier Barkatu, Yamil. Marokoarra? Jamil Hemen jaio nitzan. Xabier Badakizu ze gaixotasuna dudan? Azaldu dizute? Jamil Ezinduta zaure. Xabier Paralisi mukular progresiboa daukat. Orain lau urte aurkitu zidaten. Aurreko urtean hasi nintzen aulkia erabiltzen. Ez dakit noiz arte baliatu ahal izango ditudan eskuak. Medikuek diote ondo eusten ari naizela. Jamil Itxura ona ikusten dizut nik. Xabier Lan esperientzia duzu? Jamil Zu moduko gaixuekin? Ez. Xabier Bestelako elbarrituekin? Jamil Paralitikuekin? Ez, hori ere ez. Xabier Ah. Lan egin duzu jende... nola esan... normala zaintzen. Jamil Ez. Xabier Ea ba... Nor zaindu duzu orduan? Jamil Oin arte nire burua zaintzen ibili naiz bakarrik. Eta nahikua lan euki dot. Xabier Baina hemen dio esperientzia handia duzula... Jamil Egixa esaten bot eztiazu elkarrizketarik eingo. Xabier Baina orain egia esaten ari zara. Jamil Konturatu naiz, bai. Xabier Zertan ibili zara orain arte? Jamil Betikuan, amamatxua zaintzen, mezkitan errezatzen, eta asko ikasten, ganorazko gizona eitxeko. Biak elkarri begira eta laster barrez. Xabier Banekien gezurra esango zenuela. Jamil Zertarako galdetu dozu orduan? Xabier Hemen diploma bat dago, zigilu ta guzti, gaixo dependienteak zaintzeko kurtso batena. Hau ere faltsoa da? Jamil Ez. Hori egia da, benetan. Kurso hori ein neban. Epailiak derrigortu nindun. Xabier Ze epaile? Jamil Joder! Ez zan ezer izan. Xabier Antezedenteak dituzu? Jamil Danok sartzen dou hankia noizbait. Baina bizimodua zuzentzeko asmua daukat, Ala, nire guraso eta zure laguntziakin. Biak elkarri begira eta laster barrez. Xabier Nire ustez, putakume galanta eginda zaude, Jamil. Jamil Herri honetan arin ikasten da hori. Xabier Badakizu zer suposatzen duen ni bezalako bat zaintzeak? Jamil Suposatzen deu lana eta soldatia. Xabier Denetarako prest zaude? Prest zaude ni garbitzeko, erabat ezinduta geratzen naizenean? Jamil Zelan garbitzeko? Esan nahi dozu, komunera jun ostian, eta kakazahar guzti hori? Xabier Kakazahar hori, bai. Jamil Joder zelako nazkia! Xabier Ba ohitu egin beharko zinateke. Jamil Seguru momentua heltzen danerako kriston makinak asmatu debezela dan-dana garbitzeko. Xabier Gauza bat... egiteko prest ote zauden jakin nahiko nuke. Jamil Esan. Xabier Nire gaixotasunak muskuloak atrofiatzen ditu. Haien artean, trakea eta esofagokoak. Horregatik askotan gertatzen zaigu eztarrian janaria trabatzea. Asko itota hiltzen dira. Azaldu dizute zer egin behar duzun? Jamil Joder. Bai. Baina eztaukat hori eitxeko asmorik. Xabier Baina... Jamil Ez, ez. Eztot holakorik eingo. Nireatik hil ahal zara itxota, baina nik eztot... Xabier Ea ulertu dudan, Jamil. Antezedenteak dituzu, ez duzu esperientziarik, ez didazu ipurdia garbituko, eta ez nauzu salbatuko itotzen banaiz. Laburpen ona egin dut? Jamil Bai. Xabier Eta ze demontretara etorri zara? Jamil Eztakitx. Ia suerte apur bat neukan... Xabier Eta emango zenidake arrazoi bat, arrazoi bakar bat besterik ez bada, zu aukeratzeko? Jamil Ba... (...) Ez. Xabier Ondo da. Bukatu dugu beraz. Jamil Plazer bat. Politxa, etxia. Irtetera doa, baina gelditu eta buelta ematen du. Jamil Bai. Badao gauza bat. Nirekin bazuaz, inor ezta zurekin sartuko. Xabier Zergatik? Jamil Burrukalari izan naizelako. Eta oso ona. Xabier Borrokalaria? Ez duzu itxurarik. Jamil Hori da onena, inork eztebela nire krotxeta espero. Xabier Eta “pisu astuneko” batekin topatzen bazara. Jamil Kasu horretan... Abaiada handiaz laban automatikoa atera eta irekitzen du. Jamil ...laguntxo bat daukat. Jamil labana eskuan duela dago irribarrez. Une batez Xabierrek beldurra sentitzen du. Baina gutxira, Jamil-ek labana gordetzen du berriro. Jamil Nirekin bazuaz, eztozu inungo erasorik eukiko. Xabier Jamil. Ez dut inoiz erasorik izan. Jamil Ah, ez? Mundu desberdinetan bizi gara. Xabier Ez dut bizkarzaina behar. Zaintzailea behar dut. Jamil Ulertu dot. Bueno... ia baten bat topatzen dozun. Jamil irteten ari da. Xabier Zer da borrokalaria izan zaren kontu hori? Esan beldurrik gabe, edonola ere ez zaitut hartuko. Jamil Burrukak eitxen nitxun. Xabier Diruagatik? Jamil Ez, maitasunatik. (...) Apostuak. Batzutan diru mordua irabazten neban. Beste batzutan galdu. Orokorrian moldatzen nitzan. Xabier Zergatik utzi zenuen? Jamil Okerreko bidetik ninduala konturatu nitzan eta... Xabier Jamil, ez zaitudala kontratatuko. Jamil Eskua fastidixau neban. Amaitxu zan jaixa niretzat. Xabier Ah. Ongi, bukatu dugu. Jamil irtetera doa, baina buelta ematen du. Jamil Ikusi nahi dozu bat? Xabier Bat zer? Jamil Burruka bat. Nirekin jun zeinke. Eztiue edozeini sartzen izten. Xabier Ez zait interesatzen. Jamil Eztozu inoiz antzerakorik ikusiko. Benetako burrukak dia, ez guanterik ez legerik. Xabier Jendea hiltzen da? Jamil Ez! Oso gitxitan. Xabier Basakeria! Jamil Ondo, ezpozu nahi... Jamil irteten ari da. Xabier Egon! Jamil gelditzen da. Xabier Egia esan zeharo aspertuta bizi naiz. Eta... beno... Denetarik ikusi behar da. Jamil Bixar ordu honetan etorri eta eruango zaitxut. Xabier Bihar arte, Jamil. Jamil Bixar arte... eh... ondiok eztakit zure izena. Xabier Xabier. Jamil Okey. Bihar arte, Jauna. Jamil badoa. Ohiko argia. Xabier A ze nazka, borroka hura! Gauak eman niruen lorik egin gabe. Jamil Gizon makala! Xabier Bai zera! Ez nituen borrokak gustoko. Jamil Egia, zu beste kirol bat nahiago zenuen. Xabier Zer, katxondeoan? Jamil-ek Xabier-en aulkia gidatzen du paseoan. Jamil Pasiatzia gustatzen zitzakun! Xabier Ah, bai! Eguzkia aurpegian sentitzea. Jamil Ibiltzia. Xabier Korrika egitea. Biok egiten genuen korrika zure ankekin. Argi aldaketa. Xabier aulkian. Xabier Nora joan nahi duzu gaur, Jamil? Jamil Autobus geltokira. Xabier Zergatik? Jamil Takillak daurelako. Zu takilla baten sartu, giltzakin itxi eta putetara jungo nitzeke. Xabier Oso azkarra, bakeroa. Biok joan gintezke. Jamil Zu putetan, jauna? Xabier Bakan batzuek ni bezelako bezeroak atenditzen dituzte. Jamil Santa hutsak, puta horrek. Xabier Bai, santu mirarigile bat izan beharko zen, nire kirtena altzatzea lortuko zuena. Jamil Santa Viagra Benedikatua. Xabier Santu hori ez da existitzen. Eliza katolikoak emagalduak biziotik apartatu ohi dituzte. Jamil Ba goazen eliz horretara ea pare bat “apartatzen” dizkiguten. Biak barrez. Jamil Nora jutia nahi dozu, jauna? Xabier Lorategi Botanikora. Jamil Ondiok goiz da. Mobilidadian ia ehuneko ehuna galdu dozu ya, baina ondiok eztozu pausua eman animalitik landare izatera. Xabier barrez. Xabier Ja! Hori bai ona! Ze astopotroa zaren, Jamil! Nirekin lan egiteari uzten diozunean, gomendio gutun bat idatziko dizut zirkuko pailazorako. Jamil Nire ustez zuk papel hobia eingo zeunke zirkuan, feriako atrakzio moduan, emakume bizardunakin. “Zuekin, Emakume Bizarduna eta Paralitikoa Kakapraketan!” Xabier Ja! Jamil Portzierto, eztaukat gomendio gutunen biharrik. Jakinarazteizut inoiz eztotela lan hau itxiko. Xabier Kaka zaharra, ez esan hori!! Noizbait bukatu beharko da zurekin egoteko tortura hau! Jamil Ez. Lehengo egunian lagun batek galdetu zian: “Berriz jaioko bazina, Don Xabierrekin lan eingo zeunke, berriro?” Eta nik erantzun: “Bai, berakin lan eingo neuke berriro. Fastidixau daitxela!” Xabier A ze putakumea! Ixilune bat. Xabier Jamil, entzun: “Jamil oh shadir koi almahirid bi”. Jamil Zer? Xabier Joder, ez duzu zure hizkuntza ulertzen? “Jamil oh shadir koi almahirid bi”. “Jamil nire lagun lagun marokoarra da”. Jamil Bai, ulertu dizut, baina zela...? Xabier Ikasten hasi naiz. Jamil Zer? Xabier Hiztegia erosi dut. Eta gramatika. Jamil Zoratuta zaude! Xabier Denbora asko sobran daukat. Baina esaidazu, ondo esan dut? Jamil Errepikatu. Xabier “Jamil oh shadir koi almahirid bi”. Jamil Beno... Xabier Beno, zer? Jamil Belarria sudurra baino okerragoa duzula oraindik. Jamil barrez. Xabier Jaraimi del jra! Jamil Ez zaitez pasa! Xabier Pikutara joateko esan dizut, besterik ez. Jamil Hori gure hizkuntzaz oso irain larria da. Xabier Barkatu. Orduan.. Jaraimi del Jra! Xabierrek barre egiten du. Jamil Milesker, jauna. Xabier Pikutara botatzeagatik? Jamil Arrotz sentitu naz beti, han eta hemen. Lehenengo aldia da norbait... Kristoren poza ematen dit. Xabier Kristorena ez, Mahomarena. Barre egiten dute. Gelditzen dira. Jamil-ek paperezko zapi bat ateratzen du poltsikotik. Xabier Zertan zabiltza? Jamil Zera apur bat jausi jatzu... Jamil-ek xamurki Xabier-en ezpainetako listua sekatzen du zapiaz. Honek gozo begiratzen dio. Xabier Milesker. Ohiko argia. Jamil Xabier... Zu ta biok ez ginan izango, kasualitatez... Xabier Zer? Jamil Joder... Badakizu, bikotea. Xabier Nola ez! Nola ez! Armairutik atera ninduzun. Nire emaztea utzi nuen, zure hitzetan emakume puska eder eta oraindik gaztea utzi nuen, nire zaindari ganorabako eta dirubakoaren besoetan erortzeko. (...) Jamil Edo ikustagun beste ikuspuntu batetik. Hogeita gutxi urtetako morrosko exotiko bat, gainean txiza egiten dauen paralitiko batekin amoratzen da; azala zimur eta sudurra okerra duen paralitiko zantar batekin! Biak barrez. Xabier Ez duzu benetan pentsatu, ez? Jamil Ez. Xabier Lasaiago geratzen naiz. Jamil Neu be. Ez zara nire tipua. Xabier Hobeto! Jamil Xabier-en eztarriari begira. Jamil Zikatriza daukazu eztarrian. Arrazoi zenuen. Xabier Zertan? Xabier Lehen gogoratu duzuna. Aspaldi izan zen, gau batean... zu eta biok bakarrik geunden etxean... Zugana joan nintzen labana batekin. Xabier Bai!! Gogor heldu ninduzun, ezin nuen mugitu, ezin nuen defendatu. Gogoan dut odola, nire eztarritik borborka irteten. Jamil Eta goguan daukazu zeatik? Xabier Saiatzen ari naiz. (...) Gau hartan hiltzeko zorian egon nintzen. Argi aldaketa. Xabier aulkian. Eztarria trabaturik dauka eta itotzen ari da. Jamil iristen da. Jamil Jauna! Jauna, zer dozu? (...) Ostia! Bizkarrean kolpeak ematen dizkio. Jamil Ia, hartu arnasia! Hartu arnasia! (...) Lagundu! Lagundu! Xabier gero eta itoago. Jamil Jauna, mesedez, ez ein hau. Nik ezin dot... ez ein hau, joder... tragau ein biozu... ein esfortzua, tragau, mesedez... mesedez! ! Beriro kolpatzen dio, alferrik. Jamil Ez, mesedez, Jauna, eutsi... Mesedez... (...) Lagundu!! Lagundu! ! Xabier azkenetan dago. Jamil berari begira geratzen da, pentsakor. Azkenean erabakitzen du. Jamil (Oso urduri) Ondo da... Ondo da, jauna. Ein eingo dot. Eingo dot. Jamilek bere labana atera, ireki eta Xabierri begira geratzen da, beldurrez. Jamil Banua... Lasai, jauna. Banua. Jamilek Xabier gogor heldu eta eztarrian zuloa egiteari ekiten dio. Ohiko argia. Xabier Bizia salbatu zenidan. Jamil Gero eta gitxiau ulertzen dot. Ondo geunden. Lagun onak ginan. Barre eitxen gendun. Xabier Ez beti. Batzutan deprimitzen zinan. Jamil Ni konsolatzen ahalegintzen nitzan. Jamil-ek eskuak pausatzen ditu Xabie-en lepo gainean. Xabier Jamil. Jamil Zer? Xabier Ez nazazu horrela ikutu, katxondo jartzen nauzu ta. Biak irribarrez. Jamil serio. Jamil Miresten zintxudan. Zure adoria miresten neban, zure umoria. Xabier Ahal bezela eramaten saiatzen nintzen. Jamil Bizipoza zeunkan. Xabier Ez beti. Jamil Ez, klaro, egun txarrak ere bazeuren. Xabier Oso txarrak. Argi aldaketa. Xabier aulkian. Xabier Jamil!¡Jamil! Jamil Zer dozu? Xabier Basoa! Jamil Bai, ikusten dot. Xabier Basoa! Jamil Bai, apurtu ein da. Ez arduratu, ti-ta baten batuko dot. Xabier Jausi egin zait. Jamil Bai. Xabier Jausi egin zait! Jamil Bai. Ez arduratu, baso gehiau daure. Eskobian bila nua. Xabier Ez duzu ulertzen! Jamil Zer, Jauna? Xabier Ezin ditut jada eskuak erabili! ! Ohiko argia. Xabier Oin urtebete pasau zan haura. Gogorra izan zan niretzat. Batez ere kontu bategatik. Detaile txiki bategatik. Gauza bat egitea galerazten zidalako. Horregatik, basoarena gertatu eta gutxira, zurekin mintzatu nintzen. Argi aldaketa. Jamil Xabier garbitzen ari da aulkian. Xabier Gogoan duzu pastila potea kendu zenidan egun hura? Jamil Bai. Xabier Makalaldi bat izan zen. Jamil Baina gainditu ein zendun. Bizitzeko gogua berreskuratu zendun. Xabier Bai. Eta une ederrak pasatu ditut ordutik. Horregatik, nahiz eta une hartan zurekin haserretu, orain eskerrak eman nahi dizkizut. Jamil Eztaukazu zetan eman. Xabier Bai, bai horixe, une ederrak bizi izan ditut. Eta beti pentsatu dut, inoiz iristen bazen eguna... inoiz konturatzen banintzen ez zuela merezi aurrera jarraitzeak, zuk eta emazteak bigilatu arren, moldatuko nintzela pastilla potea berriro eskuratzeko, eta denak kolpe batez irensteko. Ixiltasuna. Xabier Baina detailetxo bat pasatu zitzaidan oharkabean. Une hura iristean, jada ezingo nituela eskuak baliatu. (Irriz) Ze txorakeria, ez? A ze despiste tontoa! Beno ba, Jamil, iritsi da egun hura. Eta jada... ezin izango dut pastilla horiek sekula hartu. Jamil Hobe hola. Ondo gaure. Xabier Baina ez dut jarraitu nahi. Jamil Ez esan hori. Xabier Hemendik aurrera geratzen zaidana ez dut gustoko. Ondo egon da orain arte, orain zaborraren minutuak geratzen zaizkit. Jamil, ekarri pastilla horiek, eta lagundu hartzen. Jamil Zoratu ein zara! Xabier Ez, senean nago gustiz. Jamil Ez. Depresiua da. Lehenguan moduan. Pasauko jatzu. Gauzak baikor ikusiko ditxuzu berriz. Xabier Jada ez, jada ez. Zama besterik ez naiz. Gero eta astunagoa. Ez dut horrela jarraitu nahi. Pastillak, mesedez! ! Jamil Ez, jauna. Gainera, eskatzekotan emaztiari eskatu biharko zinozuzen, ez niri. Xabier Eskatu diot! Eskatu diot!. Baina Berak ez... berak ez luke... Beraz ezin... Zuk egitea behar dut! Jamil Ezin dot. Xabier Agindua da! Obeditzeko ordaintzen dizut. Jamil badoa. Xabier Pastilak! Pastillak! ! Ohiko argia. Jamil-en oroitzapena. Jamil Horreatik umillau ninduzun gero! Horreatik bota zinazun txistua arpegira! Pastillak ematea nahi zenuelako! Jamil Xabierren tokian jarrita, aurreko eskena hura gogoratzen. Jamil Garbitu nazazu! (...) Garbitzeko ostia! (...) Kaka egin dut gainean. (...) Nola zergatik? Ze galdera txatxua da hori? Nazka ematen dizu? Ba izorra zaitez. Horretarako pagatzen dizut. Aguantatzeko. Jamilek listua botatzen du. Jamil Garbitu, joder! Xabier Ez zintudan umiliatu nahi. Laguntza eskatzen ari nintzen. Jamil Eta nik mezua jaso neban. Gaba asko pasau nitxun lorik einbe, zuk eskatutakuari bueltak eta bueltak ematen. Azkenian laguntzia erabaki neban. Xabier Harreman ederra genuen. Jamil Ez, jauna, ez hain ederra! Xabier Nola? Jamil Gezurretan zenbiltzalako. Eszena haura, hain dramatikua, hain benetazkua, antzerki hutsa izan zan! Gogoratzen zara, ezta? Gogoratzen zara orain, putakumia? Xabier Bai. Gogoratzen hasi naiz. Argi aldaketa. Xabier aulkian. Jamil Jauna. Xabier Zer nahi duzu, Jamil? Jamil Gauza bat ekarri dizut. Xabier Ze gauza? Jamil Eztozu igartzen? Xabier Igarri behar dut? Pistaren bat ez badidazu ematen... Jamil-ek pastilla potea erakusten dio. Xabier Ah...! Jamil Eztakitx ondo eitxen dozun ala ez, eztakitx, baina lagunduko zaitxutela erabaki dot. Xabier poteari begira. Xabier Aha... Isilaldia. Jamil Eztozu ezer esan bihar? Xabier Ez ditut hartuko. Jamil Ez, klaro, eztizut esaten oin hartzeko, bakarrik esplikau nahi dizut laguntzeko prest nauala zuk eskatzen diazunian. Xabier Ez didazu ulertu. Ez ditut sekula hartuko. Jamil Sekula ere ez? Xabier Hori esan dut. Jamil Baina... Xabier Ulertzen duzu “sekula” hitza, ez? Jamil Baina zuk esan ziazun... Xabier Eritziz aldatu naiz. Jamil Horrela, bapatean? Xabier Edo pixkanaka!! Ze ajola dizu zuri ze belozitatean aldatu dudan eritzia? Depresio aldia pasatzen ari nintzen, baina gainditu egin dut. Jamil Eta ya eztozu nahi...? Xabier Joder, Jamil, batzuetan tontoa ematen duzu. Jamil Bale, bale, argi geratu da. Xabier Ea egia den. Jamil Hala ta guztiz ere, iritziz aldatzen bozu... Xabier Joder, Jamil! Zer da ulertzen ez duzuna? Jamil Ez, ez, argi dau. Eztozu nahi. Oin. Baina hemendik aurrera aldatzen bozu... Xabier Ea ba, zuk akatu nahi nauzu ala ze demontre? Jamil Zer esaten dozu? Xabier Katxondo jartzen zara jendea pozoitzeko ideiarekin? Herio Doktorea zara? Jamil Ez. Xabier Ba bota zazu ditxosozko pastilla potea komuneko zulotik behera eta utzi bakean, ostia! Jamil Nahi dozun mouan. Jamil badoa. Xabier Edo irentsi itzazu zuk zeuk, alferrik galtzeak pena ematen badizu... Agoantatu behar dena! Ohiko argia. Jamil Zer? Eztidazu ezer esan biar? Xabier Ez. Hahastuta nago. Orainm neu naiz ezer ulertzen ez duena. Jamil Argi dao. Nirekin jolasean ibili zinan. Frogan jarri ninduzun, nire fideltasuna noraino ailegetan zan ikusteko. Xabier Ez dut uste jolasten nenbilenik. Ez dut uste. Suposatzen dut beldurtu nintzela. Gauza bat da hil nahi izatea, eta beste bat, ausartzea…. Isilunea. Xabier Kontua da une hartatik aurrera gure harreman eder hura pikutara joan zela. Jamil Ta zer espero zendun? Xabier Lapurtu zenigun. Jamil Ta zuk kalera bota. Kupidarik be. Zugatik ein neuena einda gero. Ehun euro ziztrinengatik! Xabier Horregatik egin zenuen, beraz? Horregatik hil ninduzun? Jamil Ez zendun askorik galdu. Ez zendun zeure bizitza istimuan. Xabier Horrek ez dizu askotarako balio izango epaitegian! Kalean suminduriko jendearen ohiuak entzuten dira berriro, hiltzailearentzako zigor gogorra eskatuz. Xabier Dezepzionaturik nagoela aitortu behar dizut. Esperantza izpiren bat banuen… Xabier irteten hasten da. Xabier Agur. Ez itxaron epaileen errukirik. Ez duzu merezi. Egin duzunagatik ordainduko duzu. Pena dut, mendekuaz disfrutatu ezin izango dudalako. Jamil Ez kezkatu. Zure emazteak egingo du zure ordez. Xabier gelditzen da. Xabier Nire emaztea! Jamil Ez zenuen joan behar? Xabier Nire emaztea…! Jamil Zer? Xabier Zergatik oroitu duzu hainbestetan? Jamil Eztakit. Nire zelatan egoten zalako, begirik kentzen etzidalako. Xabier Berari eskatu nion hiltzeko laguntza aurrena. Ez zuen onartu. Bere maitasuna zalantzan jartzea zela zioen. Azken unerarte ni zaintzeko prest zegoela esan zidan. Azken unerarte! Maitasuna erakusteko modu lazgarria. Nik erregutu egiten nion, baina ez nuen biguntzerik lortu. Orduan laguntza zuri eskatuko nizula esan nion. Esan egin nion! Nire emaztea da erantzuna! Ulertzen? Jamil Ez! Xabier Niri laguntzeko prest zeundela esatera etorri zinenean… Jamil …bera entzuten egoan? Xabier Zelatan zegoen, bai. Jamil Brti zelatan. Gabaz ta egunez, deskantzuripe. Xabier Ni hilez gero, poliziagana joan eta hiltzailea zeu zinela salatuko zuen. Ez zintudan ataka horretan jarri nahi. Horregatik asmatu genuen irtenbide hau. Jamil Zelan “asmatu genuen”? Zuk eta nik? Xabier Bai, Jamil, bai, zu eta biok! Moldatu behar ginen emazteak susmorik har ez zezan. Jamil Horreatik bota ninduzun etxetik. Xabier Berak bazekien ez zintudala bota nahi. Arrazoi sinesgarri bat aurkitu behar genuen. Jamil Dirua lapurtzia. Xabier Ehun euro. Jamil Pensio batera jun nitzan, hemendik ez oso urrutira. Xabier Arma bat lortu zenuen. Jamil Sauer automatiko bat. Xabier Zure koartada prestatu zenuen: postale bat zure letrarekin, Marokotik bidalita... Jamil ...eta telefono deia. Konferentzia bat Atlas Mendietatik. Xabier Emazteak ez zuen susmatuko hemen zeundenik. Jamil Azkenian aukera egokixa heldu zan. Xabier Emaztearen ama ospitalera eraman zuten, eta hara joan zen bera, ama gauez zaintzera. Jamil Gelako argia piztuta laga zendun. Haura zan adostutako seinalia. Xabier Gauez etorriko zinen... Jamil Leihoa bortsaz ireki.. Xabier Etxea ankazgora jarri... Jamil Kaxa fuertea irekita utzi... Biok Lapurreta baten itxura emateko... Xabier Eta azkenean... nire gelan sartu eta... Tiro hotsa entzuten da. Xabier Mila esker. Isiltasuna. Xabier abailduta. Xabier Hain erreza zen! Hain erreza! Ez zitzaidan burutik pasatu okertu zitekeenik. Andamio madarikatua... Jamil hurbiltzen zaio konsolatu nahiean. Jamil Ia, Xabier... Xabier Ez nazazu kontsola! Ez ni kontsola! Ni orain ondo nago. Zu zara zuloan zaudena. Izorratu zaitut, Jamil, zure bizitza izorratu dut! Kabroi madarikatua naiz! Jamil Ezta zure errua izan. Xabier Bai, nire errua izan da!! Zure tokian jarri behar nintzen. Konturatu behar nintzen plana ez zela perkfektoa, okertu litekeela. Ez nuen horretan pentsatu. Ez nuen horretan pentsatu nahi izan. Erruduna naiz, nire bizitza zurea baino inportanteagoa zela pentsatu nuelako. Xabier Jamil-engana doa. Xabier Entzun, entzuidazu: ondo prestatu behar duzu zure defentsa. Kanpoko laguntza beharko duzu. Etzazu ofizioko abokatu bat onartu. Zure alde egiteko prest dagoen norbait bilatu behar duzu. Jamil Ze dirukin? Xabier Hitz egin emaztearekin. Kostatuko zaio onartzea, baina zure alde jarri liteke dena ulertzen badu. Saiatu zaitez! Esaiozu beragatik ere egin dudala. Maite dudalako. Ez dudalako berak sufritzea nahi. Eta epaiketan esan ni orain ondo nagoela zuri esker. Jamil Zeatik ez zatoz epaiketara, testigantzia ematera? Xabier Kode penala aztertu beharko dugu, ea hildakoen lekukotza onartzen duten. Jamil Berriz eingo neuke. Xabier Hala balitz, ipini kasko bat. Xabier badoa kanporuntz. Xabier Orain kalean, jende guzti horren aurrean pasatu ahal zara, begirada garbiarekin. Orain badakizu zergatik. Jamil irtetera doa. Gelditu eta buelta ematen du. Elkar besarkatzen dute. Xabier Betirarte, Jamil. Jamil Ila el abad, Xabier. Xabier Ila el abad. Jamil badoa. Kanpoko jendearen ohiuak entzuten ditugu ozen. Jamil Ez nao damututa! Esertzen da. Jamil Ez nao damututa.
Abuztuaren hasierako igande batean eta hain paraje ederrean, bakardadeak harritu ninduen lehenik, Casares de Arbastik eta Cubilla de Arbastik pasatu ondoren Aralla de Lunara bidean bizikletan nindoala, Arbas haranetik Luna haranera igarotzeko mendatetxoa igotzen hasita. Oso noizean behin baino ez nuen autoren edo furgonetaren bat gurutzatzen errepidean. Eskuarki leku ederrak hautatzen ditugu oporretarako, jakinda leku horietan gu bezalako turista asko izango dela, baina Leongo paraje haiek axioma hori urratzen zuten. Oporretan kanpora joaten garenean benetan zer nahi ote dugun pentsatzen hasi nintzen, eta ezinegon bat sentitu nuen lehenik, beldur lauso eta arin bat, egon behar ez nuen lekuan egoteko sentsazioari lotua. Harritzekoa ere ez zen, garai hartan, hori ere esan beharra daukat, ez bainuen askorik behar izaten beldurrak gogoa ilundu ziezadan. Baina bat-batean beldur lauso hura ikara handi bihurtu zen, gehiegizkoa eta guztiz irrazionala. Pedalkaden erritmoa azkartu nuen, paraje zabal hartan bakarrik egoteak muinetaraino larriturik ninduela. Ondoren, berehala, bizikleta errepide gainetik altxatzen hasi zen nik horretarako ezer egin gabe, eta berehala nengoen hamar metroko altueran, hogei, hogeita hamar... pedalei airean eragiten hala ere, arrabol baten gainean banengo bezala, E.T. the Extra-Terrestrial filmeko irudi ezaguna berrituz. Baina, paradoxikoa dirudien arren, areago izutu beharrean beldurra galdu nuen gorago jo ahala, hain zen zaila sinisten hura benetan gertatzen ari zitzaidala. Gero eta urrunago zegoen lurra lehenik, Arbas haraneko lur ikusgarri hura, eta gero Leon osoa, eta Asturias, Espainia, Europa... eta planeta bera, Lurra. Loak hartu ninduela esan daiteke gero. Baina ez zen loa izan, zehazki, hartu ninduena, antzeko zerbait baizik, izatekotan. Bizikletatik ez nintzen jaitsi, neu horretaz jabetuta behintzat, eta ez naiz inoiz izan bizikleta gainean lo egiteko gauza. Esnatu, konortea berreskuratu, neure senera etorri edo dena delakoa egin nuenean, behera nindoan berriz, bizikleta gainean pedalei eraginez, eta berehala jaitsi nintzen lehengo errepide berberera, metro batzuk aurrerago, berrehun bat asko jota, aurretik neraman abiada bertsuan, ezer arrarorik gertatu ez balitz bezala. Bide bazterrean gelditu eta inguruetara begiratu nuen. Ez zen inor ikusten inguruan. Soina haztatu nuen, behetik hasita goraino, eta ezer arrarorik ez nuen atzeman. Maillotaren atzealdeko poltsikoak miatu eta lehen bezala zeudela egiaztatu nuen: giltzak, nortasun agiria, eskuko telefonoa, berrogeita hamar euroko billetea, barra energetiko pare bat eta platano erdia neuzkan barruan. Ez ninduen larritzen jada parajearen bakardadeak. Orduan duda piztu zitzaidan benetan gertatua ote zen nire hegaldi harrigarri hura. Nire irudimen urdurituaren jostailu izana nintzen beharbada Arbasen, eta psikologoek sugestioa deitzen duten horietako bat nozitu nuen. Oso misteriotsua da gure garuna, eta hari buruz ezer gutxi dakigu, neurologo guztiek halabeharrezko apaltasunez aitortzen dutenez. Amona Idoia zenak askotan esaten zidan, XIX. mendeko idazle bat aipatuz —ahaztua dut haren izena—, ez digula batere mesederik egiten denari azalpena bilatzeko dugun tema antzuak. “Ikusi al duk inoiz haizea?”, esaten zidan. “Baina ez didak ukatuko haizea, izan, badela, ezta?”. Bidean aurrera egin nuen. Mendatetxoaren gailurrean dagoen tunel estutik igarota —Alceoko Tunela— behera jo nuen, Aralla de Luna herriraino eta hango tabernan garagardo bat hartu nuen, aurretik maillotaren atzeko poltsikotik ateratako platano erdia jan eta gero. Herritar batzuk baino ez zeuden, turistarik ez. Ez nion gertatutakoaz ezer kontatu inori, jakina. Argi zegoen ez zidatela sinistuko. Beste bide batetik, Geras eta Cabornera herrietatik pasatuta, itzuli nintzen oporraldi haietako gure etxera, Pola de Gordón herriko kanpinera. Dutxa hartzen nuen bitartean zalantzak izan nituen, baina hegaldiarena emazteari aurrerago kontatuko niola erabaki nuen, gauean seguru asko, gertatutakoa neure buruan argitu eta nola kontatu behar nuen ondo pentsatu eta gero. Baina gauean biharamunerako utzi, biharamun goizean bazkalordurako... Geroko utzi eta geroko utzi, azkenean ez nion emazteari ere ezer kontatu. Neuretzat gorde nuen istorio sinestezin hura, kontatzeak ekar zitzakeen lanek nagituta seguru asko. Gertatutakoaren berri emanez gero, burutik egiten hasita ez nengoela erakustera behartuta ikusiko bainuen neure burua, besteei lehenik eta neure buruari gero. Eta, esan bezala, neuri ere lanak ematen zizkidan hura benetan gertatua zela sinesteak. Baliteke —orain, atzera begiratuta, hala iruditzen zait behintzat— isiltasun horrekin zerikusia izatea nire orduko egoera psikologikoak. Nahiko aldarte ilunean nenbilen azkeneko bi urteetatik hara, batez ere nire txikitako bi adiskide hil eta gero, berrogeita bost urtekoak biak, nire adin berekoak, bata biriketako minbiziaren ondorioz, bestea bihotzekoak jota. Erraz tristatzen nintzen eta are errazago ateratzen nire onetik, eta oihuka eta zalapartaka hasten, zakar, eguneroko bizitzako edozein kontu txiki okertze hutsarekin, emazteak azken orduko erosketa bat egitera bidaltzen ninduelako, laneko hitzordu bat atzeratzen zidatelako, bizikletan nenbilela gurpila zulatzen zitzaidalako... Ez nintzen ezertaz gozatzeko gauza, beti okerrena gerta zitekeelako susmoak hartzen ninduen eta hipokondria atake absurdo eta mingotsak izaten nituen. Horretaz ohartuta, familia-medikuarenera joateko aukera ere aztertu nuen, emaztearekin horretaz hitz eginda, akaso psikiatrarengana bidaliko ninduelakoan eta horrek zulotik irteten lagunduko zidalakoan, horretarako pilulak hartuta besterik ez bazen ere. * * * Donostiara eta eguneroko bizitzara itzulitakoan, Arbasko hegaldia gero eta urrunagoko kontua bihurtu zen niretzat, inolako eragin zehatzik gabeko oroitzapen lauso bat. Baina, pixkanakako aldaketa batzuk izan ziren nire aldartean oporraldi haren ondotik. Oharkabekoak hasieran, baina gero eta nabarmenagoak. Gero eta lasaiago nenbilen, aldarte hobean nengoen, baikorrago nintzen, ausartago eta erneago edozertarako, eta atseginago ingurukoekin. Emaztearekin horretaz hitz egin nuenean, handik pare bat hilabetera edo, esan zidan bera ere jabetuta zegoela onerako egina nuen aldaketaz, eta familia-medikuarenera jotzeko aukera baztertu genuen, “oraingoz behintzat” lasaigarri batez. Atentzioa eman zidan lehenengo zantzua, bitxia badirudi ere, ilearekin zegoen lotuta. Ilea galtzen hasita nengoen, eta gainera buruan sartuta neukan bizikletan ibiltzeko kaskoa janzteak bizkortu egiten zuela galera. Uda haren amaieran, ordea, Leongo oporralditik itzulita, jabetu nintzen ez nintzela ilea galtzen ari, eta, areago, lehen baino ile gehixeago ez ote nuen ere iruditu zitzaidan egun batean, bizikletan ibili ondoren, dutxatu aurretik, komuneko ispilu aurrean kaskoa erantzi nuenean. Hurrengo urteko udaberrian, 2036an, eroriko nahiko gogorra izan nuen bizikletan Jaizkibeldik Hondarribira jaisten ari nintzela. Baina eroapen handiz jasan nuen mina, eta baita bolada batez bizikletan ibili ezina ere, urte hartako Quebrantahuesos zikloturismoko probarako egiten ari nintzen prestaketan atzerapauso handia izan arren. Gorputzak eroapen hori eskertu nahiko balit bezala, traumatologoak uste baino askoz lehenago suspertu zitzaidan zangoa. Eta ekainean neure marka pertsonala hobetu nuen Quebrantahuesosen, neure aurreikuspenik baikorrenak ere aise gaindituta. Kontu horiek guztiak ez nituen lotu, hala ere, Arbasko gertaera esoterikoarekin, eta jarraitu nuen haren berri inori eman gabe. Gertaera hura kutxa bakartu batean itxita zegoen nire oroitzapenen biltegian, ia-ia amets bat izan balitz bezala, berezia eta indar handikoa, baina amets bat besterik ez. * * * Bizikleta gaineko kirol errendimenduan ez ezik, hobekuntza handia igarri nuen, Arbasko hegaldiaz geroztik, grupetako, hau da, txirrindularitzako entrenamenduetako lagun taldeko, harremanetan ere. Ez nintzen inondik inora ere taldeko animatzaile nagusi bihurtu, bazen rol hori jokatzeko ni baino askoz iaioagorik, baina taldeko kide batzuekin asko sakondu nuen harremana. Grupetako adiskiderik onenetako bat Pello nuen, Fignon ezizenez, mutil gazte isil eta formal bat, oso ikasle ona izateko fama zeukana, eta itxura ere halakoxea, betaurreko eta guzti. Zilar koloreko armazoi obalatua zuten Pelloren betaurrekoek; Laurent Fignon ziklista frantsesak 1980ko hamarkadan erabiltzen zituenen tankerakoak ziren, eta horregatik deitzen genion Fignon Pellori. Fignonekin nuen harremana asko estutu zen minbizi larria diagnostikatu ziotenean, linfoma zehazki. Gurekin bizikletan ibiltzeari utzi behar izan zion eta hasieran, erietxe onkologikoan zela, grupetako guztiok bisitatu genuen, baina etxera itzuli zenean asko murriztu zen gure arreta, eta hilabeteren buruan neu nintzen, txirrindularitzaren munduan zituen adiskideen artean, Fignon bisitatzen jarraitzen zuen bakarra. Kimioterapia saioen ondorengo egoerarik beltzenetan ere ondoan izan ninduen, Eiderrek hala eskatuta, Fignonen amak. —Berak ez dizu eskatuko baina nik badakit poz handia ematen diotela zure bisitek —esaten zidan. Bost urte lehenago hila zitzaidan ama, azkeneko hilabeteak nahiko pattal eman ondoren, bai fisikoki eta bai aldarteari zegokionez, eta ez nintzen haren ondoan behar bezala egoteko gauza izan. Hasieran ez nuen onartu nahi izan gaitzaren larritasuna, gehiegizkotzat jo nituen amaren arrangurak; gero, etsia hartutakoan, izuak ezintasuna eragiteraino jota, ez nintzen egoerari aurre egiteko gauza sentitzen eta, aldian aldiko aitzakiak tarteko, emaztearen esku utzi nuen ardura nagusia, hala amaren ondoan egotearena nola egoera kudeatzerena: medikuekin hitz egin, erabakiak hartu… Amarekin izan nuen jokabide koldarrak ez zuen atzera-bueltarik, baina Fignonekin, neurri batean behintzat, aurretik huts egindako asignatura bat aprobatzen ari nintzela sentitu nuen, eta gainera naturaltasun osoz egin nuela hori, ez asignatura aprobatu nahiak edo beharrak bultzatuta, berezko senak horretara eramanda baizik. Hil ala biziko ataka hartatik, kostata izan baldin bazen ere, onik irten zen Fignon, eta are bizikletan buelta bat edo beste ere egin genuen elkarrekin. Baina gero Estatu Batuetara joan zen, medikuntza ikasketak egitera, han baino ezin egin omen zitekeen arlo espezializatu batean, eta arrastoa galdu nion. Grupetakook egin genion azken agurreko afarian eskerrak eman zizkidan bisitengatik eta emandako laguntza guztiarengatik. Ez nion ezer esan, une hartan hori esateak zurikeria itxura erabatekoa izango zuela iruditu zitzaidalako, film kaxkarretako esaldi topikoa, baina gero neure artean pentsatzen egon nintzen neuretzat ere oso mesedegarria izan zela haren gaixoaldian izan genuen harremana, nik ere banuela Fignoni zer eskertua. * * * Horrenbestez, pentsatzekoa denez eta honez gero susmatzen hasita zaudetenez, COVID-37 birusaren berri zabaltzen hasi zenean berehala pentsatu nuen ni ere kutsatuta nengoela, sintoma guztiak bainituen bete-betean: sasoi gero eta hobea, aldarte orekatu eta serenoa, enpatiarako eta erruki laguntzailerako joera, inoiz baino adimen argiagoa eta, horrekin batera, hori guztia dotorezia eta probetxuz baliatzeko ezinbestekoa den apaltasuna. Eta, azken froga ukaezin moduan, azterketa mediku batzuek nire susmoak berretsiz baieztatu zuenez, erabateko antzutasuna. Arbasko hegaldiaz geroztik ari ginen emaztea eta biok guraso izateko ohiko bide naturala urratzen, nire aldartearen hobekuntzak hartaratuta, baina pare bat urteren buruan, ikusirik gure oheko izerdiek ez zutela fruiturik emateko biderik urratzen, famili-medikuarenera jotzea erabaki genuen, eta hark, jakina, espezialistarengana bideratu gintuen. Egin beharreko probak egin ondoren, espezialistak esanda jakin genuen nire espermatozoideen geldotze eta maskaltze erabatekoak eragozten zigula guraso egiteko bidea. “LSDa hartuta baleude bezala” neuzkan guztiak, medikuak esan zidanez, “musika psikodeliko pausatua entzuten, lanean jartzeko beharko lituzketen ereserki testosteronikoen ordez”. Entzun orduko jakin nuen ez nuela medikuaren komentario bere ustez zorrotz hura ahaztuko bizi nintzen artean. “Ez dakit kontsolamendurako balioko dizun, baina, antzuak izanagatik ere, edo akaso horretxegatik, zoriontsuak dirudite, mikroskopiotik begiratuta”, errematatu zuen, irribarrez, ateraldia. * * * COVID-37 birusaren berri zabaldu zenerako, ni harekin bizitzen ohituta nengoen, birusa zenik eta gaixo nengoenik jakin gabe. Arbasko hegaldiaz geroztik nire gogo-gorputzetan izandako aldaketak zeri egotzi jakin gabe baina haiek onartuta neuzkan, hala aldekoak nola kontrakoak. Baina birusaren eta hark eragiten zituen sintomen berri izan ahala, gero eta lotura handiagoa sumatzen nuen nire aldaketen eta haien artean. Azkenik, testa egitea eskatu nuen eta emaitza argia izan zen: ni nintzen mundu osoan lehenik kutsatu zirenetako bat. Ia lau urte zeraman birusak nire gorputzean apopilo. Horrek berretsi egiten zuen, dudarik gabe, ordurako nahiko argi zegoen errealitate beldurgarri bat: COVID-37ak hiru urtetik gora iraun zezakeen pertsona baten barruan gutxien-gutxienez, baina oso litekeena zen betiko gelditzea ere, ez baitzegoen jakiterik zer bilakabide izango zuen gaitzak nire gorputzean zein ordurako pandemiaren mende zeuden gainerakoenetan. Oso bakanak ziren, izan ere, birusarekin kutsatutakoen artean sendatutakoen kasuak, eta kasu bakan horietan guztietan, gainera, birusarekin lotura zuzenik ez zuen beste gaitz batek menderatu zuen birusa eta, harekin batera, birusa barruan zeukan gaixoaren gorputza, heriotza eragin arte kasu askotan. Horrez gain, mundu osoko zientzialariak birusaren aurkako erremedio bat bilatzeko egindako ahaleginak ez ziren inolako fruiturik ematen ari. Alde horretatik, etsipena erabatekoa zen. Halaxe segitzen dugu, erremediorik aurkitu gabe, eta, jakina denez, munduko gizonezkoon erdia baino gehiago kutsatu du dagoeneko birusak, eta ez dago pandemia geldiarazteko edo sendabiderik aurkitzeko itxaropenik, hain da kutsakorra eta sendaezina, epe laburrean behintzat. Hala diote behintzat zientzialariek. Baina ez gaude kexatzeko moduan hala ere, azken batean handiagoak baitira, mediku eta arduradun politiko askok behin eta berriz gogorarazten diguten moduan, birus honek ekartzen dizkigun mesedeak egiten dizkigun kalteak baino. Emakumeak, gainera, ia-ia guztiz libre daude gaitzetik, mundu osoan ez baitira, oraingoz behintzat, dozena pare bat baino gehiago kutsatu, eta horietako gehienak modu asintomatikoan. Neure larruan bizi izandakoa dut birusaren COVID-37aren onberatasunaren froga. Ni askoz hobeto bizi naiz birusa barruratu zitzaidanetik. Aita biologiko izateko itxaropena eta aukera galduta izateak bolada batean min handia eman bazidan ere, ondo gainditua dut dagoeneko beheraldi hura; horretan lagun onak ditut, dudarik gabe, adopzioan hartutako gure seme-alabak, nahigabe, neke eta kezka askoren iturburu, ume guztiak bezala, baina, aldi berean, bizipozaren hazkurri etengabe eta emankor. * * * Medikuak birusak nire gorputzerako atea non eta nola ireki zuen ikertzen hasi zirenean, Leongo gure oporraldia ekarri nuen gogora eta esan nien haren ondoren hasi nintzela, pixkanaka, birusari lotzen zaizkion sintoma guztiak igartzen. Baina orduan ere ez nien ezer esan Arbasko hegaldiaz. Hartaz emazteari ezer ere esan gabe jarraitzen nuen, eta konbentzituta nengoen medikuei haren berri emanez gero ez zidatela ezer sinistuko eta erotzat hartuko nindutela. Neu ere hegaldi hura sugestio hutsa izan zela pentsatzera iritsita nengoen ia, edo behintzat hala izan balitz bezala jokatzera, besteen aurrean ez ezik baita neure buruarekin ere. Egun batean, alabaina, inondik inora espero nuen mezu bat jaso nuen, Fignonek bidalia. “Kaixo, aspaldiko! Zer moduz? Hirekin hitz egin behar diat. Hik esan non eta noiz, eta elkartuko gaituk”. Haren berririk aspaldi jaso gabe, ez nekien Estatu Batuetatik itzulia zenik ere. “Ados, baina gurekin berriro bizikletan ibiltzeko asmoa baldin baduk, ondo prestatu, gurekin ez zegok bromarik eta”, erantzun nion, begi-kliska irribarretsu baten emojia gehituta, badaezpada ere, nire kirol desafioa txantxetakoa zela uler zezan. Jaizkibelgo kantinan jarri nuen hitzordua. Behin baino gehiagotan ginen han elkarrekin egonak Fignon eta biok, grupetako beste kide batzuekin batera, bizikleta ibilaldian kafe bat hartuz edo garagardoa edanez atseden hartzeko, eta pentsatu nuen oroitzapen onak ekarriko zizkigula lekuak. Lehengo betaurreko berberekin agertu zen hitzordura Fignon, ezizenari fidel, irribarre samurra ezpainetan. Elkar besarkatu, adeitasunezko hitzak trukatu eta batak besteari elkarren berri gaingiroki eman ondoren hasi zen azalpenak ematen. —Ez duk lau haizeetara zabaltzeko kontua, baina hiri esan egin behar diat —ekin zion—: NASAko zientzialaria nauk. Badakik: National Aeronautics and Space Administration. Eta NASAren barruan, AGK Aginte Global Konputerizatuarekin zuzenean lotutako sailean egiten diat lan zehazki. Jakaren barruko poltsikotik aterata, esandakoa egiaztatzen zuen txartel bat erakutsi zidan. —Esan bezala, honetaz txintik ere ez inori, mesedez —ohartarazi zidan, nik txartelari begiratzen nion bitartean—. Eta hemendik aurrera hitz egingo dugunari buruz ere ez. Bestela, hiretzat kalte, ez baitik inork ere sinistuko. Ondoren, azaldu zidan AGKk sortu eta zabaldu zuela COVID-37 birusa, AGK ari zela orain pandemia “kontrolatzen eta kudeatzen”, eta birusa berariaz eta luzerako ezarria zela planetako gizonezko ia guztien gorputzetan. —Aurreko COVID birusak ere AGKk sortu al zituen? —galdetu nion. —COVID-19a ez, baina COVID-28a bai. COVID-19a nahi gabe egindako esperimentua izan zuan AGKrentzat, hala esaterik baldin badago. AGK sortu gabe zegoan artean, izan ere, sortzeko lehen urrats sekretuak ordurako ematen hasita zeuden arren, isilean. COVID-19ari aurre egiteko, konfinamendu neurri zorrotzak ezarri zituan mundu osoan 2020an eta 2021ean: turismoa zeharo geldituta aldi baterako, kirol eta kultur ekitaldi publikorik ez, herri zein hirietako jaiak bertan behera, taberna eta denda asko itxita edo mugatuta denbora askoan, denok musukoarekin aurpegiaren erdia estalita… —Gogoan zeukaat, bai, ez zuan erraz ahaztekoa izan. —COVID-19aren aurkako neurri haien arrakasta aintzat hartuta erabaki zian AGKk COVID-28a sortu eta zabaltzea 2028an, haren kontrako neurrien bidez, biztanleriaren eta ekoizpenen mugikortasuna eta zarrastelkeria murriztuz, kutsadura global gehiegizkoaren eta klima aldaketaren ondorio kaltegarriei aurre egin eta planetaren behin betiko kolapsoa eragozteko. Emaitzak bikainak izan zituan, birusak hildakoen kopurua oso txikia izan baitzen neurri haiei esker salbatu zirenekiko proportzioan. —Beraz, konspirazioaren teoriak zuzen zeudek. —Ez. Konspirazioaren teorietako bakan batzuk zeudek zuzen edo zuzen samar, edo ondo bideratuta behintzat. Baina konspirazioaren teoria gehienak faltsuak dituk, eta horietako asko AGKk berak sortu eta zabaldu ditik. —Zuzen dauden teoriei sinesgarritasuna kentzeko, ezta? —Horixe bera. Ordura arteko azalpenak, ordea, benetan kontatu nahi zidanaren atarikoa baino ez ziren. —Hiri eman beharreko informazio konfidentziala aurrez aurre emateko etorrarazi naitek Estatu Batuetatik hona —azaldu zidan—. Bion arteko adiskidetasuna kontuan hartuta, pentsatu ditek ni naizela horretarako agenterik egokiena. Xehetasunik txikienetara ere iristeko ahalmen harrigarria zeukak AGKk. Argazki batzuk erakutsi zizkidan ondoren. Lehenengoetan, ni agertzen nintzen, ziklista jantziak soinean, bizikleta gainean pedalei eragiten Arbas haraneko bakardadearen erdian. Airetik egindako argazkiak ziren. Ondorengo argazkietan ez nintzen, ordea, airean pedalei eragiten agertzen, nire oroitzapenei jarraituz agertu beharko nukeen bezala, bide bazterrean etzanda baizik, lo, konortea galduta edo hilda, ondoan dron bat daukadala. Aldamenean bizikleta dago, bi gurpilen gainean, beste dron batek eutsita. Hurrengoetan, ikusten da bi dronek bizikleta gainera igo eta abian jartzen nautela Alceoko Tunelerako bidean gora pedalei eragiten. —Errepide kontrolak ezarri zitiztean hire aurrean eta hire atzean, paraje hartan beste inor ez egokitzeko —jarraitu zuen azalpena—. Dronetako batek haluzinogeno bizkor bat zainetaratu zian saman eta, aitaren batean COVID-37 birusa txertatu eta gero, heure senera itzuli hintzen berehala, han ezer gertatu ez balitz bezala. COVID-37arekin kutsatzen lehenengoetakoa ez, guztiz lehena izan omen nintzen. Hala esan zidan Fignonek: “benetako aitzindari bat” nintzela. —Zergatik ni? —galdetu nion. —Auskalo! Izango zian irizpide zehatz bat hi aukeratzeko, baina AGKk ez zidak esan zein. —“Zergatik ez ni?”, pentsatu beharko nikek, ezta? —Horixe bera. Isilik geratu ginen une batez. Jasotako informazioa asimilatzeko beta eman nahi izan zidan adiskideak. —Orain, amaitzeko, azken kontu bat —ekin zion gero—: lehen esan diat honetaz ez dioala inori ezer esan behar. Baina AGKk erabaki dik COVID-37 birusaren erantzule eta arduradun dela, eta gauza gehiago, jakinaraziko dituela laster, ohikoak dituen bideetatik. AGK prest zegok horren ondorioei arazorik gabe aurre egiteko, azken batean birus hau, COVID-28a bezala, behar-beharrezkoa izan baita mundua, berriro ere, behin betiko kolapsotik salbatzeko. Baina hiri dagokik erabakitzea zero pazientea hi izan hintzela jakinaraztea nahi duan edo ez, eta baita, jakinaraztekotan, nola jakinarazi ere. Heuk ematen baldin baduk berria, AGKk hik esandakoa berretsi eta frogatuko dik; edo, bestela, AGKk berak jakinaraziko dik. Baina, hala nahiago baduk, inork ez dik izango kontu honetan izan duan parte-hartzearen berri. Heurea duk erabakia. * * * Isilik geratzea erabaki dut, baina badaezpada ere nire lekukotasuna jasota geratuko da idatzi honetan. Beharbada hemendik urte batzuetara, edo hamarkada batzuetara, ikusiko dugu noiz, heriotza gertu sumatzen dudanean akaso, testamentu gisa, Arbasko nire hegaldi harrigarriaren berri emango dut. Baina, hala eginez gero, AGKri nire bertsio hau ez egiaztatzeko eta ez gezurtatzeko eskatuko diot, zalantza airean gera dadin. Amona Idoia zenari ikasi nion, eta ez dakit hark idazle bati irakurri zion ala bere uztakoa zuen: “Zalantzaren itzalak distira kentzen dio egiari, baina bizitza luzeago, misteriotsuago eta sakonagoa izateko behar duen babesa ere ematen dio askotan”.
booktegi.eus Jatorrizko izenburua: Le chemin des morts © François Sureau © Gallimard © Euskaraz: Utriusque Vasconiae © Euskal izulpena: Maite Berrogain Ithurbide Lehen argitaraldia: Donostia, 2015eko uztaila ISBN: 978-84-944061-2-6 Lege-gordailua: Diseinua eta maketazioa: P.I.A. AZALEKO IRUDIA: UTRIUSQUE VASCONIAE - Ategorrieta Hiribidea, 3-3. 20013 Donostia. Tel. : 943-270433 Iparraldean: 0033547640386 Banatzailea: BITARTE - 31195 Berriozar (Nafarroa). Tel. : 948-302239 JAKIN – 64100 Baiona (Lapurdi) TEL. : 0033559592232 https://sites.google.com/a/utriusque.com/ utriusque-vasconiae/ Debekatuta dago, legean aurrikusitako kasuetan izan ezik, liburu honen erreprodukzioa, banaketa, komu- nikazio publikoa eta eraldaketa egitea jabetza intelektuala duten titularren baimenik gabe. Aipatutako eskubideak haustea jabetza intelektualaren kontrako delitutzat har daiteke (Kodigo Penaleko 270 art. eta ond.) Liburu honek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren diru-laguntza jaso du ZURRUNBIDEA Zurrunbidea: gaurko hiztegian izen arrotza kausitzen dugu. Alta hiztegi za- harretan begiratzen badugu hala nola Aita Lhande zuberotarraren hiztegia, hau adierazten du: chemin par où passe le cadavre que l’on porte en terre. Zurruna: cadavre. Philippe Bissara-ren oroitzapenetan (A la mémoire de Philippe Bissara) Laurogeiko urteak urrun dira eta iduritzen zait gerla antzekoak zirela, baina ez egiazko gerla, baizik eta borrokarik gabeko gerla bat. Bizi izan dituztenak gaurregun galduak senditzen dira munduan zehar. 1983an, doi doia sartua nintzen Estatuko Kontseiluan bigarren mailako aditzaile bezala. Hogeitabost urte ez nintuen oraino eta loriatu nintzen legegizonen artean jarririk egoteaz zeren eta haien lanek txunditua neukaten, nire ikasle gazte denboran. Zeruraino iritsia nintzen Laroque eta Bou andeau presidenteen ondoan egoteagatik, azken hau Segurantza Sozialaren asmatzailea zelarik, eta administratzaile auzien berritzailea bigarrena. Ene biblia izan zen Lebon bilduman agertzen diren pertsonaietatik bat bilakatu nintzen eta egiazki hala da, nun mundua eta haren okerrak zuzenbidearen bitartez zuzentzen baitira. Gogoz nekizkien Dames Dol et Laurent idatziak nun Breste-ko portuan galdutako bi nezkatilak salbuespen egoeren teoria erditua duten. Lemonnier-en erabakiaz Leon Blum-en ondorioak osorik gogoz ematen ahal nituen. Hiru aldiz garaile izanik Bac Eloka jaso nuen. Laster nire izena mahain hauetan laburzki idatzia izanen nuela, militar esaldietan bezala, uste nuen: X, berriemaile (rapporteur); Y, c.du.g. (commissaire du Gouvernement). Gaineko aldean «saila» edo «biltzarra» bezalako hitzek argiki erakutsiko dute nolako garrantzia zuten epaitu behar izan nituen gaiak. Palais-Royaleko edantokian, Comédie-Française-ren auzoan, isilik gelditzen nintzen, ene kafearen aitzinean, ene adineko gazteekin. Adinekoak denak ziren ongi ikasiak, eta atseginak. Ez zuten erakusten 1940ko urteetan kanporatuak izan zirenik, juduak zirelakoz, Pétain marexalaren bulegoetako azken buruzagiekin elkarrizketetan aritzeagatik, RAF-eko azken piloto, Komunista ministroen gordezko inspiratzaile, edo Argelia frantsesaren aldeko amorratu izateagatik. Ez zen iragana aipatzen hau botata zuten zilo batetara. Bizi nintzen egoitza ttipi batean, leihoek ematen zuten Hôtel-de-Ville-ko plazara. Ikusi ditut nola plaza arras itsusten zuten untzi handi batzuk eraiki zituztenean, Ukrainian bezala. Ene bizia bikoitza zen: egunaz, zuzenbidea, zintzotasuna, misterioak eta gero gauaz bizi harroa, alaia. Ez nuen deusetaz bildurrik. Gobernuaren barnean ziren estaliniar zahar batzuei esker irrati libroak onartuak ziren eta enzuten nituen. Ene lehen txostenak Percy Sledgeren konpanian musika zarratatsu mexikarrarekin idazten nituen. Jacques Vabre kafearen telebistako publizitateak laguntzen zion eta oraino egun xuxurlatzea gertatzen zait. Laurogeiko urteak bi munduren artekoak ziren eta ni ere. Ezker aldean egoten ginen lagunen artean bederen baina aldi berean janzten genituen austriar ator barregarri batzuk leporik gabekoak iduriz Berchtesgadeneko biltegi batetatik zetozenak eta oporretan ziren militanteei heideggerren itxura ematen zietenak. Bizian bezala Estatu Kontseiluan, tenor zaharrak ez ziren desagertu, leheneko boz ozenek antzezle batzu bezala ez zuten antzokia utzi: komunista adimentsuak, mota guzietako errabiatuak, Gaulismatik atera ziren prefeta diktatoreak, Bir Hakeimeko ohiak, Brejneven adiskideak, Marchais Messmeren aitzinean. Baina ministro batzu doi doia ziren ni baino zaharrago, Atlantikatik haize handi bat heldu zen, paper beltzaranez troxatuzko hornidurak zekarzten, kokaina, miseriari axolagabetasuna, laster joaiteko gogoa, eta diru ainitz irabazteko xedea, alegia. Frantziako zaldimaldikoa itzulikatzen zen berrogeitahamar urte haietan, zurezko zaldi akitu batzuekin, buruak zituztelarik ihardukitzaile, kolaboratzaile, gendarma edo troskista: orain jaisten ahal ginen eta abentura hasi. Laster ohartu nintzen nekez aurkituko nuela Palais-Royal-en. Sei hilabeteren buruan utzi nuen. Izendatua izan nintzen azpiko sail batean txostengile bezala, kolonietan egon zen kudeatzaile bat zen buru eta bildu zituen inork nahi ez zituen txostenak. Hala nola askatasun publikoei loturriko auzi handiak, hor nire ardura zen baserri munduko lurren antolaketa eta Arjeliatik etorri ziren aberriratuen kalte ordainen ordaintzea hogeita-hamar urteren buruan. Idazkari nagusiak eskaini zidalarik lan aldaketa errefuxiatuen edo iheslarien batzordean, gogo onez onartu nuen jakin gabe zer zen zuzen. Iduriz jende gutti zen lan honen hartzeko eta hoberenek –ni ez nintzen horietarik– gogoz kontrako o zioa aurkitzen zuten eta arrazonamendu ederren egiteko ez egokia. Geriza eskatzaile bat heldu denean Frantziarat, galdegiten dizkio errefuxiatu paperak Frantziako errefuxiatu estatugabeko batzordeari eta honek eza ematen badu dei egin lezaioke errekurtso batzordeari. Orokorki enbaxadore ohi baztertu batek zuen kudeatzen, bulegoa administrazio txarrenetatik bat zen, galde egileek doi doia errezebituak ziren eta erabakiak hartuak ziren txostenak eskaler baten mailetan botako baliren bezala. Batzordeak lana ongi eramaten zuen. Erabaki baten ondotik izena aldatu zioten eta orai babes eskubidearen korte nazionala deitzen da baina printzipioan berdin gelditu da. Justizia eremu bat da sailetan zatikatua. Sail bakoitzak hiru epaile ditu horietarik bat Nazio Batuen iheslarien aldeko komisario handiak izendatua da. Txostenegileak txostenak apailatzen ditu eta batzar publikoan bere iritzia ematen du galdegileei hitza eman aitzin. Denbora haietan arras xumeki egiten zen. Orduan bi mila edo hiru mila galde egile ziren eta egun hogeitahamar mila baino gehiago dira. Batzordeak hiru sail zituen eta egun ehun bat dira. Epaileak eta txostenegileak ari ziren muxu truk eta heldu ziren beste administrazio eremu batzuetatik eta ez egun bezala epaitegietatik zeinentzat larru beltza duten, denak oilo ebazleak edo lapurrak direlarik. Txosten egileak parte hartzen zuen epaiketan. Lehendakaria edo presidenta eta txostenegilea bi pertsonai nagusiak ziren eta elgarrekin lan egiten zuten eta ados jartzen ziren erabakia hartzeko. Nire saileko lehendakaria deitzen zen Georges Dreyfus. Batzordeko lehendakaria zen aldi berean. Hau biltzen zen Verrerie karrikan, ene etxetik hurbil, Marais aldeko egoitza zahar batean doi bat arraberritua baina ez egokia, zaharkitua. Iheslariak zain egoten ziren aulki higatu batzuetan jarririk. Ez zen poliziarik ezta ere zaintzale berezirik bertan. Georges Dreyfus ikusten nuen zahartuta. Nik egun dutan ber adina izanen zuen. Gizon luze mehea, bilo lodi zuriekin, zuzen atxikitzen zen, traje grisa neguan eta zuri kolorekoa udan, frantsez goi mailakoek bezala botoi zuloan Legionaren ohorezko medalla ekartzen zuen. Aski berant sartu zen Estatuko Kontseiluan lehenago kolonietako administrazionean zen. Nire ustez Kamerunen buruzagi izan zen frantsez Afrika Ekuador aldeko azken gobernadorea. Bazuen holako ospe itxura bainan ez zen harro. Beti apal, garbi, zuzen; adimentsua eta ardura urrikaltsuduna. Beste lankideek ez bezala uzten zituen luzaz mintzatzen iheslariak auzitegian, ez zuen erakusten ezinegona, gizonki galderak egiten zituen, iduriz eta iritziz azken unera arte aldatu zitekeela erakutsiz. Zorigaitzeko hauek ez zuten uzten haien herria tortura ageri batekin sakelan non agertzen zen gaizki erabiliak izan zirela eta heriotz arriskua zutela. Horien kontaketak zuen balio. Zentzu handia behar zen. Batzuk ez dute egia erraiten eta nahiago dute alegi batzu kontatu, lagun batek erran bezala, segurtamena lortzeko. Beste batzuk itxura txarra erakusten zuten boz ozen batekin mintzatuz ustez eta hunkigarria izanez, kontaketa xumeago eta zuzenago batek epaileak hunkiko zituela. Georges Dreyfus guttitan tronpatzen zen. Honek ere frantsez herritartasuna galdu bait zuen 1940an Londresen ikasketak egiten izanki, sartu bait zen Forces françaises libresetan. Segitu zuen Leclerc, de Koufra Estrasburgen eta Berchtesgadenen. Ez zen deusetaz harritzen batzutan gaizki erranak izan arren, erabaki hartzeagatik, tiroketa bat entzuna, ez zitzaion arrotz egiten. Gizona miresten nuen. Harrek ere estimatzen zitzaidan nahizeta ez zuen agertzen bere aitatasun aldea. Laster lortu genduen hitz egin beharrik gabe elgar ulertzea. Lan hau ainitz gustatzen zitzaidan. Baserri munduko lur berrantolaketak edo Ipar Afrikatik sartu ziren, zango beltzei, kalte ordainak banatzeak, ez zuten nik nuen zuzenbidearekiko atxikimendua desegin: zuzenbidea maite nuen eta bazen zerbait berria zena eta aski trajikoa zuzenbide hortan. Ez zen ondoriotasunik zuzentzeko, hitzarmen bat idazteko, edo hamar urteren buruko erabaki baten epaitzea, etxe bat eraikitzeko baimena ikuskatzea. Historiaren aizea iragaiten zen artikuluen artetik. Begiratzen nuen, behatzen nuen zuharki Georges Dreyfus. Orai uste dut Dreyfus ainitz arduratzen zela bere lanean. Iduritzen zait, uste dut, axolagabekeria zela harentzat huts bakarra. Iduritzen zitzaion, uste dut, ezaxolakeriak, eta ez gaizkiak, hautsiak zituela haren aitzinean agertzen ziren emazte eta gizonak. Gizon eta emazte galdu hauen aitzinean bazen Dreyfus jauna buru belarri behatzen zituena. Nire buruari nion doaike iraganean berak edo bere familiak jasan zituela holako gertakariak. Horrek ez zion kentzen, bere ikusmoldea egin ondoren, hizkuntza eta zuzenbidearen estiloa maestria handiz eta tresna bereziak erabiliz egitea, eta epailearen eta gizakiaren tragedian tartea ahal bezain urrun atxikitzea. Eta horiei esker Bengalan geratutako tren hondamendiaren deskribapenak irudiko luke auzo pobreko etxettoaren arbatzen pean emandako bi miniatura trenen arteko talka. Ez nuen berriz ikusi. Jakin nuen Nizan bizi zela zahar aroan bere emazte laguntzailearekin. Aldi batez ikusi nuen haren etxean, arratsalde batez, Sevres hirian, txostenak eramatera joan nintzelarik. Bakarrik bizi zen Art Déco etxe eder batean eta arratsaldetan iduzkiak portzelanazko pertsonai bildumak jotzen zituen. Pareta gainean bi taula zeuden horietarik bat Caillebotten-en kopia eta besterik ez. Matelak gorri gorriak zituen emazte lodi bat zen eta soa bizi bizia zuen. Estrasburgen elkar ezagutu zuten 1944an. Hilabeteko lehen egun guziz moskortzen zen romarekin, eta taulak eta portzelanazko pertsonaiak lekuz aldatzen zituen eta oihuka ari zen erranez bere maisuak egindako ibilbidea nolakoa izan zen eta ondotik biziak segitzen zuen. *** 1982. urte hastapenean, islamista iraultzaren ondotik ihes egin zuten Iraniako politikariak epaitu genituen. OFPRAk gehienak onartu zituen iheslari bezala, salbu SAVAK-eko kide zaharrak, Shah-ren polizia gizon politikoak. Georges Dreyfusek txostenak begiratu zituen eta nik bildumak egin nituen. Oroitzen niz delako Quai D’Orsay-k presioa jarri zuela ahal bezain ongi tratatzeko bulego hortan lan egiten zuten armadako aitzindariak, denek frantsesa bazakiten eta gainera giza eskubideen alde den herriak ohoratu zituen. Aldiz, galdegiten ziguten ahal bezain gogor egiteko Evin presondegiko sotoan tortura, erabili zutenei. Dreyfus-ek ez zuen hola ulertzen. Estatuko Kontseiluak 1946 eta 1947an hartutako erabaki txostenekin jardun zen. Ezker aldeko orrian, Drancy gendarmeriako generalaren kasua zegoen: absoluzioa. Eskuin aldekoan juduez beteak ziren trenak eraman zituena gendarmearena: kondenatua. SAVAKeko zaharrei, gradorik gabe Genevako hitzarmenak adierazten duen klausula ezarri zitzaien: ezin zutela zuzenik eskatu, eurek bortxatu baitzituzten boterean zirenean. ** * Gero egon naiz hilabete batzuk lan arrunta egiten hala nola Sri Lankako Tamoulak, Zaire edo Tchadetik etortzen zirenen txostenak aztertzen. Arrats batez, Dreyfusek eskatzen dit erabaki luze baten ondotik, elgarrekin garagardo bat hartzeko azpian zen tabernan. Udaberri hastapena zen. Dreyfusek hitzak xekatzen zituen, ohikoa ez zitzaion moduan. Luzaz hitz egin zidan auzoaz, Nicolas Famelen etxeaz, Andre Bretonek Saint-Jacques dorrearenzat zuen atxikimenduaz. Lehen aldia zen literatura aipatzen zuela eta bereziki surealismoa, neri ainitz gustatzen zitzaidana. Gero bat batean galdegiten dit ea Euskal Herria ezagutzen nuenez. Ez nuen bat ere ezagutzen, ez frantziako aldea ezta ere espainiakoa. Banuen iritzi bat abertzaleen mugimenduaz, frankismoaren aurkako borrokarena. Oroitzen nintzen denek bezala Francoren ondokoa izan behar zuen Carrero Blancoz, haren autoa etxeen gainetik altxatua izan zelako zartagailuak sobera azkar eman ziolako. Irakurri nuen egunkarietan Giscard d’Estaing-ek Frantzian bizi ziren espainiako eskualdunei iheslari paperak kenduko zizkiela Espainia demokrazia bilakatu zelako, eta estakurik ez zelako Euskaldunak Frantzian babesten jarraitzeko lehen bezala. «Presezki dio Georges Dreyfusek: euskaldun gehienak gure auzitegitan aurkeztu dira. Hogei bat dei izan dira gure bulegoetan eta aztertuko ditugu». Haren botzak adierazen zuen arabera erran nion zailtasuna ez nuela ongi ikusten nun zen. Nola erakuts genezaioke Espainiari zuzenbidea kudeatzeko manera. Honek itzuli nahi duenean zuzenbide egoerara. Erran zuen «Errekurtsoak irakur itzazu eta berriz hitz eginen dugu». Egia erraiteko ez genituen batere berriz aipatu epaiak aitzin, beste kasuetan egiten genuenaren aurka jokatuz. Denbora haietan, jurisprudenziak onartzen zuen bakarra zen, Estatu batek gaizki erabiltzeagatik iheslari batek eskura zezakeen estatutua. Garai hartan etzen onartzen Estatu batek isilpean lagun zezakeen elkarte ilun baten mehatxurik edo Estatu bat gizaki edo emazteki mehatxuak babesteko ez gai izan zitekeenik. Zuzenbideko legeak argiak ziren. Banekien nolako zorrostasuna atxiki behar zen eta ez nuen ihes egiten ahal. Iduritzen zitzaidan Georges Dreyfus sendiberatasun izango zela, hainbeste atxikia zen gizakien zuzenari, eta gure artean ezaxolakeria sor zezakenaren begirale izango zela honi uko egiteko. Egun hortan, ez zuen deus erran zailtasun hortaz, legegizonek dioten bezala. Egon ginen luzaz zigarreta erretzen eta edaten tabernan. Dreyfusek Euskal Herria ixuratu zitzaidan. Ontsa ezagutzen zuen. Berant arte egon ginen eta doluz bezala bakoitza gure alde joan ginen. Biharamunean euskaldunen txostenak hartu nituen eta nire etxerat eraman nituen. Ez nituen berehala ideki. Beste lan bat bainuen bururatzeko Pompidou zentroaren eraikizaleen ardura noren gain eman paretak puskaka desegiten zirelakoz. Gero, txostenak irakurri aitzin nahi nuen gehiago jakin. Beti hola egiten nuen, memoriak aztertu aitzin, nazioarteko Gida Urdinak bezala irakurtzen nituen, herrialde horietara sekulan joango ez banintzen ere, baina onartuz ametsetako mugimendugabeko bidaia, beldurrezko goibela sortuz. Memoria hauen irakurtzea zen beti latza. Asmatzen nituen bizi batzu nahizeta ezin ulertuak ziren nirezat, beldur batekin edo sobera edo ez aski asmatzen nuenez eta min egiten zitzaidan sartu behar zirela zuzenbideko sailkapenetan. Nere lanbidea zen eta lan hori maite nuen. ** * Gure lantokiko alde batean arraberritzeko lanetan ari ziren, dokumentazio gunea tokiz aldatu zuten Diderot bulebarrerat, Finantzietako administrazioko etxe handi bateraino. Joan nintzen, maiatza bukaeran baina lehenago eman nuen ikastaldi bat Ikasketa politiko Institutuan eta hor ene ikasleek serioski galdegin zuten giza eskubideek bazutenez edo behar zutenez izan balore unibertsala. Urte horietako izpiritua zen. Airean elektrizitatea bazen, erran dutan bezala, dirua, bakarkako indarrak, lege zaharrak baina mundua ez zen jarri mugimenduan. Berantago eginen zen Yugoslabian. Berlineko harresia beti hor zen. Denbora heietan ene lankideen edo ikasleen iritziak bortitzak ziren eta debaldekoak, Frantzian ardura ohi denez. Gure behineko dokumentazio gunea utzi nuen seietan, gogoa nuen ardo xuria limonarekin harzeko nire etxerat joan aitzin, zeren eta inor ez zen nire zain, euskaldunen txostenak ideki aitzin. Taberna batek izkina egiten zuen etorbidea eta kaiaren artean, eta deitzen zen Café de l’Institut, ez akademiarengatik baina hurbil zen hiletxearengatik. Ostatu zahar bat zen gerla aitzineko kafe makinak eta hor bezeroak eta zerbitzalariak elgar iduri zuten. Duela hilabete batzu hortik iragan nintzen ikusi dut desargertu zela, eta haren ordez gaur xinako janari saltoki bat dago. Jendea bazen tabernan. Jarririk, bi gizon korputzez handi eta aurpegiz auzitegiko epaiak iduri eta bikote zahar bat doluminetan nigarrez gorputz baten ikustera etorriak. Ikusgarria tabernan zen eta hor gizon zahar bat soineko xuri batekin, mehe eta maltzurki mintzo zen medikuntzan ziren ikasleen erdian. Ongi ulertu banuen, kirurgilari geiak etortzen ziren harat eta trebatzen ziren hilik ziren korputz ezezagun batzuekin. Zaharrak lehengaia ekartzen zuen. Egun hortan trebatu ziren uretan ito zen gizon baten korputzarekin doi doia uretik ateratua eta sare handi batek atxikitzen zituen gorputz zatiak. Bi gaztek ezagutza galdu zuten. Gizon zaharra irriz ari zen belaunaldi gazte hortaz, bere gerlako oroitzapenak aipatzen zituen. Harro zen gazte denboran, sasitarra zenean, alemanen autoei eraso egiteagatik, xistera batean botatuz leher gailuak, euskalduna zelakoz. Nahiz eta ez zuen alkolik edaten ele handiz mintzo zen moskorra balitz bezala. Publikoa zen liluratua eta trabatua ere. Oroitzen naiz hurbildu nintzela entzun nuelarik euskaldun hitza, harritua aldiberekotasunaz zeren eta bere jatorriaz mintzo zen, eta denbora heietan inor ez zen hola hitz egiten. Gaur ez da egun bat ere pasatzen entzun gabe bretoin, kabile, musulmano edo melkite harro ez denik. Orduko urteetan bere jatorria aitortzen zuena inoxoa eta gaitzetsia zen. Nire lagunek eta nihaurrek erroen zozotasuna gutxiezten genituen. Oren batez, Orreagaz mintzatu da eta alegiazko borroka hartaz, Donibane Garazi eta taloak aipatu zituen. Publikoa ari zen emeki emeki ttipitzen. Epaileak eta familia joan ziren. Bakarrik lau gelditu ginen jarriak mahain baten inguruan. Bat batean erraiten dit «Zuk ez duzu mediku baten burua» susmoz beteta. Erantzun nion epaile nintzela –sinpleago zen horren erraitea– sorbaldak altxatu zituen. Iragan da epaileetatik hilketetara, hilketetatik zurrunetara eta zurrunetatik heriotzetara. Gero, ozenki mintzatu zen eta kontatu digu zer zen zurrunbidea. Euskal Herrian etxea da denen erdigunea. Gizonak eta emazteak biek kudeatzen dute berdin. Biek dute ber duintasuna eta heien izenak etxe atarian zizelkatuak dira bata bestearen ondoan. Etxeko norbait hiltzen denean, eramaten da etxetik hilerriraino bide berezi bat hartuz eta zurrunbidea bezala ezaguna dena, alegia. Etxe bakoitzak eta familia bakoitzak badu berea. Ez dira nahasten. Elizaren gaineko aldean dago sare bat beste bide batzuekin, ez dira ikusten edo bideen gainetik edo xendren artetik, eta eliza erdigunean aurkitzen da. Berantago Euskal Herriko elizak bisitatu ditut. Barneko isiltasun sakona, lasaitasuna, errautsaren, argizagi edo ezko hotzaren eta intsentsuaren usainak gustatu zaizkit. Iduri dute itxas untzi batzu itzuliak, haien zurezko galeriekin goiti joaiten direnak pareta xurien artean. Iduritu zitzaidan pausatu nintzela goxoki, arrenkurarik gabe. Agurea altxatu zen bat batean eta joan zen hiletxera, ikasleak desagertu ziren eta bakarrik gelditu nintzen amets egiten. Oinez joan nintzen etxerat, inguruka eginez itzuli batzuk, ibili nintzen orenak Breton-en eta Flamel-en Parisen, Jakobe dorrearen ondoan. Nahiko nuen denbora gelditu. Hamar aldiz pasatu naiz dei batzordearen leiho aitzinetik. Etxerat sartu nintzen goizeko azkorrian, Nadja berriz irakurri nuen, eta gero lokartu nintzen eguerdi arte. Berriz joan nintzen Musidoraren arropa ikustera zinematekara, gero entzun nuen neskame geleetan Sebastopol etorbidean errumaniako arrabit joilea Ceaucescu-n aztaparretatik doi doia ihes egina eta zinez trebetasun handia zuena. Euskaldunen txostenak zain gelditu ziren mahainaren gainean. Ez nuen gogorik idekitzeko. ** * Azkenean ideki nituen hiru egun epaiketa aitzin. Gelditu gabe lan egin nuen bi egunez eta bi gauez audientziaren bezpera arte. Maiatzean ginen. Sasoi aldaketa zen: neguko azken aizeak gaztainondo hosto lodiak inarrosten zituen eta hortik usaintzen ziren erregailua eta bideko gudroina hauek bait dira Pariseko udaberriko usainak. Txosten bakoitzarentzat lau bost oren pasatu nintuen, ez gehiago, eta beste bat hartu aitzin zigarreta bat erretzen nuen, idekia zen leiho aitzinean eta hortik ur untzietako murmurika entzuten nuen. Adiskide bat etorri zen goiztirian eta biak joan ginen askariaren hartzera merkatu alderat. Elkarrekin zuzenbidea ikasi ginuen. Nola ez zen aski adimentsu erretorika ikasteko kasik huts egin zituen administrazioko leihaketa guziak. Gelditzen zitzakion Frantziako Bankuarena eta poliziako komisarioarena. Baztertu zuen lehena, hilgarria iduritzen zitzakion eta bigarrena hautatu zuen. Nik hautu hori higuingarria kausitzen nuen. Ene laguna Grigorenko deitzen zen. Haren aitak Ukraniatik ihes egin zuen gerla aitzin, zeren eta juduen alde jarri baitzen Petliourako Kosakoek jazarririk, mutil gazte bat zelarik orduan. Senideek ongi egin zuten Frantziarat igorri bait zuten ikasketak egitera eta horrela suerte txarra saihestu bait zuen. Argazki egile bilakatu zen, Limoges-en eta berantago Guigouineko FTP sasietan ezagutu zuena, ezkondu zen neskatilla batekin, eta geroztik bere izena famatua da. Ez zen sekulan berriz itzuli Ukraniara. Grigorenkok eleberriak eta xehetasunen izpiritua maite zituen. Beharba polizia lanbideari lotzeko baliteke ipuin ilun batean igeri egitekotaigabe Simenon, Chevalier-en Les Histoires de la vie pari- sienne, irakurtzen zituen, auzitegiko bildumak, Géo London-etik éolleyre-raino, eta egunkarietan agertzen diren gertakizun desberdinak. Batetik hogei arteko notak ematen zizkien kazetariei hilketak idazteagatik literatura ereduetan. Haren begia gizaki ilunaren artetik argitzen zen eta bere boza altxatzen zuen batzutan irriz «Hala ere nolako gaizki egilea den! Eta polizia gizona bigoteduna! A nolako sinfonia daukaten zapata iltzedunak!». Haren jakitateak ziren zabalak bezain bitxiak. Euskaldunen txostenak aipatu nizkion. Erran zidan Baionako karriketan aurkitu zituztela gazte batzuen gorputzak, duela hilabete batzuk, erahilak, doaike lehengo polizia frankisten sareetako gizonek hilik. Ez nion sobera kasurik egin erran zidanari. Nahiz eta gizon argia zen baina azpijokoak gehiegi gustatzen zitzaizkion. Gero gehiago jakin nahi zuen eman dezagun euskaldunek zer eskatzen zuten, zein ziren heien istoriak. Ideia orokorrekin ez zen datzen. Erantzun nion zuzenbideak erakusten didan bezala. Goibeldurrarekin begiratu zidan eta bakoitza gure aldetik joan ginen. Nire etxean sartu nintzelarik, azken begirada eman nien ene txostenei. ** * Txosten gehienak euren pisuz erortzen ziren, hola mintzo ginen. Galdera egile gehienak Frantziatik joanak ziren Hego Ameriketara eta errekurtsoa egin zuten hala beharrez. Beste batzuk frantsez bilakatuak ziren aterbe administrazioak jakin gabe eta horrela ez zuten erantzun beharrik, badaezpada galdetzen baitzuten. Gutti gelditzen ziren. Gehienak oinarrizko militanteak ziren, ezezagunak, eta errekurtsoa galtzen baldin bazuten ere, Frantzian geldituko ziren, sasitar bezala, egun batez itxaropenarekin prefektura batenganik paperak lortuko zituztela, artxibetan galduak balire bezala. Ibarretegi bestelakoa zen. Zestoan sortua zen, Gipuzkoan, 1940an. Goi mailako ikasketak egin ondoren, letretan, bere herrian maisu egon zen nahiz eta goragoko lanpostua merezi zuen. Abertzalea zen baina are gehiago frankismoaren aurkakoa zen. Egun oraino azken horregatik da gehienik ezaguna bere herrian. Ibarrategi itzal handiko gizon zuzena eta isila izan zen. ETAn sartu zen eta kargu garrantzitsua eraman zuen erakundean. Kalitate guzi hauengatik ez zuen erori beharko ekintzaile bezala. Halata guztiz, 1968an, parte hartu zuen Meliton Manzanas komisarioaren hilketan. Komisarioa torturazale bezala ezaguna zen. Hipotesi ainitz bazen historia horren baitan. Bat askotan ateratzen dena da Ibarrategik maite zuen neskatila militantea polizia horrek torturatzeagatik hil zela. Polizia atzetik zuela, joan zen 1969an Frantziaruntz, eta hor iheslari estatutua lortu zuen. Han, xumeki bizi izan zen hamar urtez, politikarik egin gabe, bere barnean zerbait hautsi izan balitz bezala. Garage batean lan egin zuen Quimper-en, eta azken urte hauetan Pariseko liburutegi batean. Carrero Blanco hil zutenean, 1973an, hitz bat idatzi zuen gaitzesteko, orrialde andana bat agertu ziren ezkutuko ageri batean. Horren ondotik bere lagunek gaizki hartu zuten baita ere ezker muturreko frantsez kideek. Besterik gabe: ahaztua zen hainbeste urtez isilpean egonik. ** * Auzialdia baino oren bat lehenago iritsi nintzen Verrerie karrikara. Aro ederra zen eta atseginez goiti zoazen kanpoko harrabotsak entzuten nituen leihoak idekiak zirelakoz. Batzarrean eman behar nituen txostenak laster berriz irakurri nituen. Geroztik nere buruari galdegiten diot, kasik egunero, ea besterik idazten ahal nuenez. Espainia demokrazia bihurtu zen eta gure lurretan ez ginuen gehiago estakururik atxikitzeko espainiatik etortzen ziren iheslariak, euskaldunak edo beste. Administrazioko paperetan txostenak aurkitu nituen eta bi ohar orokor baziren bereziki, hau erraiten zutenak beti bazirela talde ma oso, aktiboak zirenak. Iduritu zitzaidan hauek zirela ustezkoak eta ez egiazkoak frogarik gabekoak. Idatziak ziren interesik gabeko manera batean eta ez zuten oinarririk zuzenbidearen arrazoinamenduan. Genevako hitzarmenak jazarpenak aipatzen dituelarik, biktimak iheslari estatutua lortzeko Estatua zuzenean arduradun izan dadila eskatzen du. Garai haietan printzipio zen hori, auziz auzi aldi guziz Estatuko Kontseiluak errepikatzen zuena, goi mailako auzitegiak bere egin zuen. Orduan frogarik ez ginuen batere nun Espainiako Estatuak isilpean armak ematen zizkiela gaizkiegile batzuei; alta, hauek idatziak ziren gure administrazioko oharretan eta inpunitatea zuten. Auzitegi batean justiziaren erabaki bat frogarik gabe idaztea, ezinezkoa zen. Epaile batek ebazpen bat onartzen duelarik ardura harentzat da alderantzizko erabaki bat ezinezkoa dela, besterik gabe. Ibarrategi salbatzeko –orduan ene gogoan zen haren txostena salbatzeko, besterik ez nuen asmatzen ahal– beharko nuen frogarik gabe eta ene intuizioetan bakarrik datuz, polizia ekintzei begira Espainiako Estatua itxuraz bakarrik aldatu zela onartu; frankista sareek zutela oraino Barne ministeritza menpeko. Ondorioetan beldurtu nintzela? Batere, eta alde batetik hori da okerrena. Ez nuen arriskurik hartzen, eta taldeko beste kideek ere ez, omen intelektuala eta morala galtzea besterik ez zegoen eta epaileek hori dute ororen gainetik beldurra zeren eta hauen ibilbide profesionala traba lezake. Egia erraiteko ez naiz luzaz egon gai hau aztertzen. Ez dut dudarik ukan. Ez nuelakoz uste boz bakarra nuela epaileen artean; banekien Georges Dreyfus ene erabakien alde jarriko zela eta taldeko beste epaileek berdin eginen zutela. Ene buruari galdegin banion zertarako ez naiz lehenago etorri, beste orduz bezala, elkarrekin ikus ditzagun gai minberenak, auzialdiaren aitzin bainan ez nuen denborarik galdu honekin. Ez nuen pentsatzen gure erabakiak hain ondorio latzik izango zuenik –Ibarrategi gizartean galduko zela eta ez zela sekulan bere etxerat itzuliko, ihes babesa ukatzen ginuelarik gehienek hola egiten baitzuten– eta orduan gogoan nuena ahalik eta erabaki zuzenena hartzea zen. Georges Dreyfus tenorean etorri zen, beti bezala erne eta alegera. Gaiak zailak zirelarik oren erdi bat hartzen ginuen auzialdia aitzin gogoetatzeko. Nik aurkeztuko nuenaren jakinean zen. Nerekin ez mintzatzea lehenago, erran nahi zuen ados zela. Bertako idazkariak mahain gainean txostenak pausatu zituen. Deitzen zen Meryem Shirazi, berrogei bat urte zituen eta erraiten zuena ez zen debaldekoa izaten. Bere txostenak ongi emanak ziren eta beti kasu handia erakusten zuen iheslarien galderekiko, nahiz eta batzuk korapilotsuak izan. Epailekideak jarri dira, presidentaren eskuinean eta ezker aldean. Nazio batuetako iheslarien goi mailako epailekidea emazte lodi gaizto eta larderiaduna zen, azken hogeita bost lan urteak hika mikaka bulegoetan iraganak zituen. Baliteke izan zela ederra eta bihotzduna. Administrazioak izendatu zuen beste epailekidea zen diplomata ohia zen eta haren epaiketa emateko manera oso bitxia eta ustegabekoa ohi zen erdialdeko Asiaren gaiak bakarrik hunkitzen zuelarik. Beharrik alde hortako iheslariak gutti zirela. Epailekideek ez zuten deus erraitekorik izan azkenean. Gela hutsa zen, publikorik gabe goizeko tenore hartan. Xabier Ibarrategi bakarrik sartu zen. Abokatarik ez zuen eta zutik egon zen zurezko mahain xuriaren aitzinean, epaileen tauladaren azpian, jartzeko baimenaren zain. Georges Dreyfus-ek «exeri mesedez» erran zuen. Ibarrategi jarri zen, eskuak mahainaren gainean pausatuak zirrarik erakutsi gabe. Berrogeitahamar urteko gizona zen, kostuma zahar gris batekin jantzia, higatua bainan dotorezia handiarekin ekartzen zuena, axolik gabe holako xehetasunetaz. Bilo kiskiratuek korona bezala buruan itzulia egiten zuten kopeta gora atxikiz. Haren soa zen harrigarria. Begiak berde urlanga kolore larderi lasaia erakusten zuten. Uste dut denek haren barneko taupada berezia senditu zutela. Ez zuen iduri antzerkilaria zenik, efektu bat ekoiztu nahiz edo bere burua defendatu nahiz. Meryem Shirazik luzaz begiratu zuen eta gero gure begiradak kurutzatu ziren. Nahi zuen erakutsi zerbait erran nahi zuela Ibarrategiren alde baina bere karguarengatik isilik egon behar izan zen. Georges Dreyfus-ek luzaz auziaren urratsak adierazi zituen. Ibarrategik burua apaldu du erranez ados zela. Erantzun diolarik presidentari itzultzailerik ez zuela beharrik ohartu ginen haren frantsesa gurea zela, azenturik gabe eta horrek ekarri du egoera berezia ezin adierazizkoa, denek gure barnetik senditzen ginuena. Presidentak galdeginik, ohiduren arabera, ene txostena irakurri dut eta azkenean Xabier Ibarrategiren eskaria ez dut onartu. Luzaz begiratu nau, haserre eta nardamendu gabe. Presidentak galdeginik bere oharrak aurkezteko zutitu zen. Bakarrik defendatuko zen. Askotan hola zen denbora haietan. Zigarreta erretzailearen boz apala eta erlastua zuen –haren eriak tabakak orituak ziren– metalezko mintzoarekin noiztenka. Poliki mintzatu zen duintasunez. Lehenik eskertu du Frantzia gure bitartez hamar urtez babesteagatik. Emendatu du, ezin sumatuzko ironiarekin, merezimendua zuela zeren eta administrazioak leporatzen ahal zizkiola egin zituen ekintza bortitzak eta ondorioz Genevako hitzarmenetik kanpo utzi. Frankismoaren erorketa atseginez hartu du. Gero isilik egon da eta boz ozenarekin erran du polizia paraleloak beti bizi zirela eta sartzen bazen etxerat erahila izanen zela. Gehitu du erranez ene galderari eza ematen badiozue joanen zela hala ere. Ez naiz Frantzian egonen, zuzenik gabe, beti ihes eginez poliziari, eta gordezka biziz. Joanen zela ez naiz segur hitz hauek erabili zitu la–. Isildu zenean isiltasun luzea izan zen. Haren hitzak berea egin zuen. Denak hor ginen dudetan. Dena jokoan den une batzuk dira. Galdera batzu egin dizkiogu. Georges Dreyfusek erran zion xehetasunak emateko zerk beldurtzen zuen. Ororen buru, luzaz politika gaietik hurrun egon zen eta haren txostenean ageri zen. Etzen horregatik jomuga izango. Aspaldiko borroka dela, erantzun dio hiltzerainoko borroka eta inork ez zuela deus ahazten eta ere barkatzen. GALen aitzinekoak deitzen ziren «Gerrilleros del Cristo Rey» Administrazioak izendatu duen epailekideak espainol gobernuak amnistia hitz emana zuela ohartarazi dio. Sorbaldak altxatu ditu erantzunik eman gabe. Presidentak galdegin dio ea azken hitza nahi zuenez. Niri begira, erantzun zuen ez zuela nahi baina hiltzen banaute zuek arduradun izanen zarete. Orai badakit zintzoki mintzatu zela. Baina une hartan esaldi horri bortizki hartu ginuen. Merezi gabeko zarta bat bezala zen. Xantaia morala. Burua apalduz gure aitzinetik atera zen atzera begiratu gabe. Erabakia laburra eta teknikoa izan zen, bederen hastapenean. Denbora batez bakoitza zuzenbidearen atzean gelditu zen. Auzialdean ez ditugu azaldu gure gogoetak. Ibarrategiren azken esaldiak denok hoztu ginuzten. Presidenta, administrazioak izendatu zuen epailekidea eta ni ginen ukoaren aldekoak. Orduan emazte lodia iheslarien goi-mailako komisariakoa Ibarrategiren alde jarri zen ustegabekoan. Ardura jende xehea laguntzen zuen eta burgesak kanporatzen. Xehetasunak galdegin zituen, bere aitzinean erakusten ziren paperak denak nahasiak zirelako. Esaldiak gaizki erranak ateratzen zituen. GAL taldeak azkarrak zirela. Espainiako barne ministerioko goi kargudunak ez zirela aldatu. Frantzian ere laguntzaileak bazituztela. Baiona ttipian erahil zituzten DSTko berri emaileak eta Frantziako epaileen lana gelditua izan zela holako ezin ikusizko ostopoengatik. Nire lagunak komisario geiak ber gauza erran zidan. Anderea inarrosita senditu zen ikusiz gure duintasun eskasa, behin ere ez ginuen hola ikusi baina ez genekien noren alde zen, poliziaren, milizien, frankisten ala gure zuzenbidearen zerbitzarien alde. Mintzo zenean ikusi nuen Meryem Shirazik burua higituz erakusten zuela ados zela harekin. Georges Dreyfus isilik egon zen ixtant batez, emozioa pasatu arte. Gero esaldi laburrez erran zuen, gu lauak ez ginuztela ikusten, udaberriko goiz batez espainiol gobernu demokratiko berria kondenatzen. Ironi hau erabili zuen, beste orduz ez bezala, iduritu zitzaidan ez zuela errexki erabakia hartu. Kasik galdegiteko prest nintzen ea ziur zenez holako erabakiarekin. Lasaitu nintzen nire ber erabakia hartu zuelako eta aldi berean harritua nintzen zalantza asmatu nuelako haren baitan. Duda-muda hori ezagutzen nuen eta horregatik nion begirunea Georges Dreyfys-i. Baina galdegin zidan irakurtzeko landu nuen erabakia eta egin nuen. Presidentak esaldi bat aldatu zuen eta gero denek izenpetu genuen. HCR (Haut Comité aux Réfugiés) Goi mailako iheslarien batzordeko anderearen azpiko ezpaina dardaraz zegoen izenpetu zuenean eta bakoitza gure aldetik joan ginen beste kasu batzu epaitu ondoren. Oroitzen naiz egun hartan iheslari estatutua eman geniola Zaireko bati eta berantago jakin genuen hiru aldiz aurkeztu zela hiru izen desberdinekin batzordean. Dohain handiko aktorea zen zeren eta bere paperak saltzen zizkien herritarrei. ** * Ibarrategiren auzialdi hori niretzat azkena izan zen. Erabakia agertu zen hamabost egunen buruan batzordearen sartzean Verrerie karrikan. Bi hilabeteko opor aldia eskatu nuen auzitegian zeren eta beranta hartu nuen nire lanean eta ondotik auzitegiko oporrak ziren irailaren erdi arte. Lehenik itoa nintzen nire txostenetan, ez nuen deus senditu. Aste batzuen buruan, sendimendu berri batek nahasi ninduen. Eragozpen gogorra zen, ahalke bat bezala. Hastapenean ahazten nuen karriketan ibiliz edo liburu bat irakurriz. Gero indar handiagoak egin behar nituen. Udako lehen egunetan zerbaitek lehertzen ninduen jakin gabe zergatik baina berantago ohartu nintzen Xabier Ibarrategirengatik zela. Aldi batez Palais-Royaletik ateratzean, epaiketa baten ondotik Georges Dreyfus bilatu nuen baina ez zen hor, joana zen probintzietako administrazioko auzitegien ikuskatzera. Ez nintzen ongi. Pariseko airea ezin arnastukoa zitzaidan. Gau batez, maleta egin nuen eta joan nintzen Ekialdeko geltokiruntz eta hor Istanbuleko trena hartu nuen. Belgraden, Zagreben gelditu nintzen. Nahiko nuen Sarajevo ikusi, baina goiz azkorrian trena gelditu zenean, geltokia hila zen, euri pean eta beldurra sartu zitzaidan nere barnean. Gelditu nintzen So an, Skoplje, eta hortik taxi bat hartu nuen joateko Monastiraino. Bi aste egon nintzen Istanbulen Klodfarer hotelean. Lehen astean hiria bisitatu nuen. Bigarren astean lo egin nuen, zigarretak erre, eta Robinson Crusoe-ren abenturak irakurtzen. Liburu hau beti nirekin eramaten dut. Pariserat itzuli nintzenean, jakin gabe zergatik oinez joan nintzen Ekialdeko geltokitik Lyoneko geltokiraino. Aspalditik ez nuen frantsez egunkaririk irakurri eta andana bat erosi nuen saltokian, Diderot bulebarrean. Institutuko tabernaren aitzinean jarri nintzen. Irailaren 5a zen. Lehenik Libération hartu nuen, Gromyko sobietarraren bisita irakurri nuen, Libanetik ateratu ziren israeldarrena, beste bat uste dut, Edmond Maire-na, sindikalismoaren geroaz. Garrantzi ezberdinetako berri hauek ene memorian gelditu dira. Senditzen nintzen galdua, lanerako gogorik gabe. Beste garagardo bat galdegin nuen eta anartean zerbitzatu aitzin berriz egunkaria hartu nuen. Nazioarteko orrialdetan, ez nuen kasurik eman lehen aldian, hau agertu zen: Iruñan hilketa. «Xabier Ibarrategi militantea erahila izan da atzo arratsaldean, San Nicolas plazan, Iruñan, hiltzaileek moto batetan ziren. Lau errebolber tiro bildu ditu eta hil da sorospen zerbitzuak iritsi aitzin. Bigarren mailako gura zen baina euskal abertzaleek errespetua zor zioten. 1969an Frantzian iheslari sartuz gero jarduera militantea gelditu zuen. 1973an Carrero Blanco almirantea, Francoren ordaina izendatua izan zena, hil zenean kalapita bortitzak sortu ziren abertzaleen artean. Valery Giscard D’Estaingek beste euskaldun batzuei bezala, Xabier Ibarrategiri iheslari estatutua kendu zion, erabaki honek frogatzen omen zuelako demokrazia berriz sortu zela Espainian. Jakinean diren jendarteetan, hilketa honen ardura, eta beste batzuena jartzen da askatasun talde antiterroristen gain. Gaizkile talde hauek Espainiako barne Ministeritzak jarraitzen zituen azkarki sustengatzen. ** * Egiazki ez dut errekurtso batzordea uzteko erabakia hartu. Orduan justiziako oporrak iraila arte irauten zuten. Larrazkenean ene gutuna bidali nuen nire demisioa aurkeztuz sobera gogoetarik egin gabe. Ez nintzen joan Georges Dreyfus agurtzera. Laster erretreta hartu zuen. Lanean segitu nuen auzibide sailean, baina urte baten buruan, berriz aspertu nintzen hainbeste arrazonamendu eta indar erabiltzeaz debaldetan eta ere ene lankideen izaeraz, baita Palais-Royaleko baratze ederretaz. Lau urte bete nituen eta libro nintzen lekuz aldatzeko. Eskatu nuen administrazio aktiboan lan egitea. Ez naiz sekulan berriz itzuli Estatuko Kontseilura. Hamar urteren buruan, bidai profesional bat egin nuen Euskal Herrira. Opor egun batzu hartu nituen, joan nintzen Loiola eta Zestoako haraneraino. Mendi apaletako paisaia da, haran artetik ur ilunak ixurtzen ziren eta bideetan gaindi lantegi utziak ageri ziren, baita ere bainu etxe hutsak. 6Xabier Ibarrategi Zestoako hilerrian ehortzia da. Hilobia lorez estalia zen. Ikusi dut zein baserritakoa zen. Atearen gainean euskarazko hitzak lerrokatuak dira haren engaiamendua ohartarazteko. Oroituz hiletxeko zaintzaile zaharrak irakatsi zidana zurrunbidea egin dut etxetik hilobiraino. Baina bide bat baino gehiago bazen eta ez dakit zuzena hartu nuenez. ** * Hogeitamar urte iragan dira. Ene gizon bizia eraman dut. Ene zorra ordaindu dut. Ibarrategiren oroitzapenak ez nau sekulan utzi bakean. Ez da egun bat iragan haren aurpegia ikusi gabe gure aitzinean zutik, Verrerie karrikan, haren boz idorra entzun gabe, gure hizkuntza mintzo zuen eta kondenatu gaitu. Maite nintuen jende ainitz hil dira eta haien itxurak galdu ditut, nahiz eta indarrak egin, ene memoriatik ezabatu dira. Xabier Ibarrategirena gelditu da hartua betierreko izotzetan. Hutsegiteak maitasunak ez dituen ahalak ditu. Ez dakit bidai luze hau nola bururatuko den. Ibarrategi hor zen abokata zin egin dudalarik, berriz itzuli naizelarik pixkat galdua Pariseko dei korteko lehen auzitegira, zuzenbidean itzuli luze bat egin ondoren. Ene lankideak, eskoleetatik berriki ateratuak, nire ber adina zuten Ibarrategi ene aurrean aurkeztu zenean errekurtsoetako batzordean. Hor zen lehen aldian abokata bezala mintzatu naizelarik, eta gero auzi guzietan irabazi edo galdu jardun naizelarik. Ene koldarkeriak edo ipurdi milikatzeko gogoak auzietako tratuetara eramaten ninduen aldi guztietan, epaileen aurrean gibelka eginez, hor zen ene bizkarrean, animatuz ozenki mintzatzeko, ez oparirik egiteko, nik borrokatzeko gogoa ez dudalakoz. Hor izanen da ere ene arropa beltza altxatuko dudalarik isilik egonez hainbeste hitz erran ondoren. Agian utziko nau bakarrik hiltzen eta beste munduan elkar atxemanen dugulakoan nago. Itzultzaileak: Maite Berrogain Ithurbide eta Jokin Apalategi
booktegi.eus http://tartean.com/ Tabernaria (INSTRUKZIOAK BOTATZEKO ONDO KAÑA BAT) PATXO TELLERIA Ikusleak taberna batean daude. Barraren gainean lore sorta bat, lorontzitik kanpo eta zerbeza kopa bat, hutsik, aparraren arrastoekin. Bazter batean pizarra bat, kaña ondo botatzeko bete behar diren sei pausoak idatzirik dituela. Horman dagoen erlojuak denbora atzetik aurrera neurtzen du. Ikuskizuna ilunean hasten da. Argia egiten denean tabernaria sartzen da, kaletik tabernara. 20:30 Eta hirugarrena: Agur. Bezero zoragarriak izan zarete. Gogoan izango zaituztet. Beti. Agur betirako. Bigarrena: espero dut sikeran hemendik kaña bat ondo botatzen ikasita aterako zaretela. Lehenengoa: gaizki esanak barkatu eta ondo esanak, baldin eta egon badira, gogoan hartu. Baina joan baino lehen, gauza pare bat esan nahi dut, hiru, hobeto esanda. 20:29 Publiko arteko emakume bati begira Ondo pentsatuta… ez nago damututa, andrea. Ezta lotsatuta ere. Denboran atzera egiterik banu, berriro gauza bera egingo nuke. Une honetan ez daukat ezer galtzerik. Eta ezer galtzerik ez izateak sekulako askatasuna ematen du. Horrek eman dit ausardia eta ez alkoholak. Ez dakit ezer zutaz, ezta bakarrik ala norbaitekin bizi zaren. Molestatu bazaitut, ahaztu gertatutakoa, eta gogoratzekotan, gogoratu zaitez urte guzti hauetan gosaria prestatu dizun profesional isilaz. Baina menturaz nire hitzak ez baditu haizeak eraman… badakizu non nagoen, nahi duzunean eta nahi duzunerako. 20:28 Mostradoreko loreak eskuetan hartuz. Baina ze esan dut!! Zer egin dut!! Ez naiz ni izan!! Alkohola baizik. Kaña bat besterik ez da izan, baina kalte egiten dit, kalte! Barkatu, andrea! Hau lotsa!! Hau lotsa… Eta zuek ere, barkatu espektakulo lamentagarri honengatik. 20:26 Emakumearen aurrean belauniko jarrita. Nere bihotzeko anderea! Prestatu dizkizudan 2345 gosariek hau esateko konfiantza ematen didate. Ole zure begiak, ole zure gerria, ole, ole eta ole, guapa eta guapa!! Maite zaitut ate horretatik agertu zinen lehenengo unetik, orain hamar urte. Ez dugu sekula hitz egin, zure izena ere ez dakit, baina maite zaitut, morena! Eta agian zuk ere ni, izan ere plaza honetan taberna asko daude, kafe onarekin eta tabernari gazteagoekin. Eta hala ere zu beti etorri zara hona. 2345 aldiz. Hori maitasuna ez bada, zer da? Maitasuna niganako edo nire kroasan tostatuenganako, baina maitasuna, behinik behin! Goazen hemendik! Urrutira! Biok elkarrekin! (Lore sorta luzatzen dio) Kroasanak tostatu nahi dizkizut osasunean eta gaixoaldian, heriotzak banandu arte!! (…) 20:24 Altzatzen da loreak eskuan dituela. Loreei begira geratu eta irribarre egiten dut. Loreak ikusi eta zorakeria bat egitea bururatzen zait… Baina ez… kendu hori burutik. Kendu. Hartu dudan kaña hori da. Kontrola galtzen dut edan ondoren. Kontua da… (irribarrez) zoragarria litekeela ausartzea. (Emakumeari zeharka begira) Gure artean dagoen batek sekulako sustoa hartuko luke! Ez dut uste grazia egingo zionik. Edo agian bai. Agian sekulako poza emango nioke. Agian esango lidake, “Ba zen garaia, motel, hamar urte daramat itxoiten!” (…) Zergatik ez? Batzuetan gutxiesten dugu geure burua. Ezin daiteke baztertu tabernari heldu baina ondo kontserbatuaren morboa. Gainera, zer daukat ba, galtzerik? 20:22 Loreei naskaz begiratzen die. Lore puta hauek!!! Muturra behar da, gero, lore puta hauek erregalatzako!!! Nor uste dute naizela? Zer uste dute naizela? Eta nik, ergel honek “milesker, andrea” esan diot. “Milesker”, babua ni!! Buruan neukana esan behar nion. Eta une hartan gauza asko nuen buruan. Esatebaterako: turismoari esker, ostalaritza sektorea goraka doa, kamareroen bizimaila behera doan modu berean! Esatebaterako: burbuila turistikoak eztanda egingo dizue muturrean, burbuila inmobiliarioak eztanda egin zuen modu berean!! Hori nuen buruan eta hori esan behar nion. Eta segituan loreak zakarrontzira bota. 20:20 Tabernariak loreak lorontzian uzten ditu. Nor dago turisten kontra? Ni ez. Zer du txarrik, turismoak? er du txarrik turismo sistema honek? Dirua dakar, lanpostuak sortzen ditu… Ados, turismoaren irabaziak esku gutxitara doaz, baina horretaz aparte, zer du txarrik turismo sistema honek? (…) Bai, lanpostu prekarioak sortzen ditu, baina irabaziak esku gutxitara doazela eta lan prekarioa sortzen duela kenduta, zer du ba txarrik turismo sistema honek? (…) Arrazoi, bertoko biztanleei etxebizitzen prezioa garestitzen zaie eta oinarrizko serbitzuak urritu. Baina irabaziak esku gutxitara doazela, lan prekarioa sortzen duela eta bertokoentzat bizimodua garestitzen dela kenduta, zer du ba txarrik turismo sistema honek? (…) Beno, ingurogiroaren inpaktoa, bai. Baina irabaziak esku gutxitara doazela, lan prekarioa sortzen duela, bertokoentzat bizimodua garestitzen dela eta ingurogiroa kaltetzen dela kenduta, zer du txarrik turismo sistema honek? (…) Ah, egia, turismo masiboak dena berdintzeko joera du, hiriek euren nortasuna galtzen dute, idiosinkrasia. Baina irabaziak esku gutxitara doazela, lan prekarioa sortzen duela, bertokoentzat bizimodua garestitzen dela, ingurogiroa kaltetzen dela eta idiosinkrasia galtzen dela kenduta, zer du txarrik turismo sistema honek? (…) Baita: turismoa baldin bada herri baten industria bakarra, morroien gizarte bat sortzen duzu, serbitzarien gizarte bat, etorkizunean baliokoa izateko beharrezkoa litzatekeen I+D horretatik guztiz urrun, baina irabaziak esku gutxitara doazela, lan prekarioa sortzen duela, bertokoentzat bizimodua garestitzen dela, ingurogiroa kaltetzen dela, idiosinkrasia galtzen dela eta serbitzarien gizarte bat sortzen dela kenduta, zer du txarrik turismo sistema honek? Ezer ez. Dirua dakar. Eta dirua dena omen da bitzitza puta honetan!! Berez, turismo sistema puta honek dena du ona, eta kitto!! ! 20:17 Tabernariak barra gaineko kopa hartzen du, hutsik eta apar arrastoak dituena. Hau izan da kaña bat ondo botatzeaz esan behar nuen guztia. Hemen dago… Hemen zegoen, edan baino lehenago. Kristalean ikusten diren aparrezko zirkulu konzentrikoek adierazten dute kaña ondo botata zegoela. Ez duzu genio bat izan behar hau egiteko. Gauza bakarra behar duzu: denbora hartzea. Baina denbora hartzea, dirudienez, “antiekonomikoa” da. Kaña ahalik eta azkarren bota behar da, bezeroak azkar edan eta hurrengo bezeroari tokia egiten diozuen. Laister tabernak desagertuko dira. Haien ordez autoserbitzurako aretoak besterik ez dira egongo, gasolindegiak bezalakoak. Dena abantailak: espazioaren optimizazioa, inbertsioaren merketzea, esku lanaren murriztea... Tokia behar da, turista asko etorriko direlako. Eta ondo dago turistak etortzea. 20:15 Tabernariak malko bat xurgatuko du. Ez nuke nire kuitaz hitz egin beharko. Tabernaria entzuteko dago, ez entzuna izateko. Hitz egin izan banu inoiz, inoiz nire barrua askatu izan banio bezeroren bati, akaso gaur, nire ohea berotuko lukeen emakume baten gorputza senti nezake. Baina tira, ez zaituztet gogaituko nire bizitza pribatuarekin. Gainera, ez da interesgarria. Hogei urte lau horma hauen artean eman ditut… alperrikaldu ditut. Ez naiz zoriontsua izan, baina hori ez da txarrena. Txarrena da zoriona ez dudala faltan bota izan. 20:13 Hustsik dagoen kopa eskuen duela. Ahhh! Gozoa benetan!! Medikua haserretuko zait, alkoholak kalte egiten dit. Urteak ziren edaten ez nuela. Azkeneko aldiz, nagusiaren semea jaio zenean. Hain zuzen ere orain tabernako nagusia dena jaio zenean. Bataiora konbidatu ninduen nagusiak. Estimu handian ninduen. Tabernan lau kamarero geunden eta ni bakarrik konbidatu ninduen. Bataio osoa negarrez eman zuen. Esan nion bere aitari, txantxaz: “hau jefe izateko jaioa da, Jauna!” Ez nintzen okertu. Nagusi zaharra hil eta bera agintean jarri zenetik, fakturazioa bikoiztu egin du, eta plantilla erdian uzti. Genio bat da. Txikitan nere besoetan izan nuen. Mutil koskorra zelarik, kaña ondo botatzen erakutsi nion. Nola da esakune hori…? “Cría cuervos…” 20:10 Seigarren eta azken urratsa. Bigarren aldiz erreposoan utzi ondoren, kopa aparrez beteko dugu goraino, ertzak gainditu arte, txorrota apurtxo bat irekiz. (Hala egiten du) Badago. Erreparartu aparraren hiru geruzei: goian, burbuila lodiez osaturikoa, azpian burbuila finagoaz, eta beherago lanbro moduko bat, goraka egin nahi duten burbuiltaxoez osatua. (Kopari begira) Edateko gogoa ematen dit! Baina ezin dut. Bigarren arrazoia, alkoholak kalte egiten didala. Lehenengo arrazoia, profesional bat naizela. Ez dut sekula edaten bi arrazoiengatik… Dena den, barruan sekulako korapiloa sentitzen dut, eta… ze arraio, popatik hartzera! Tabernariak kaña trago batez edaten du. 20:09 Bostgarren urratsa. Kaña erreposoan utzi bigarren aldiz. Presarik gabe. Nagusi zaharrak goraipatzen zidan denbora patxadaz hartzeko nire doai hau. “Zure ondoan, denborak atzera egiten duela ematen du, eta ez aurrera!” Nagusi berriak, bere semeak, gauza bera pentsatzen du, baina berarentzat defektua da. Begira, begira nola igotzen diren burbuilak, bakoitza munduan bere tokia aurkitu nahiean bezala! Batzuetan, basoari begira jarri eta horrelako burbuila bat naizela pentsatzen dut… neure tokia bilatzen, beste milaka burbuilen artean. Nire tokia aurkitu dut nik? Lehen baietz uste nuen, hau zela, taberna hau. Hain ziur nengoen horretaz, ze ez naiz inoiz saiatu besterik topatzen. Bakarrik bizi naiz. “Emakumeren bat topatu beharko zenuke”, esaten zidaten. Eta topatu, topatu nuen. Aspaldi. Arazoa da berak jakin ere ez dakiela. Eta ez du jakingo, jada beranduegi da… Beranduegi. Ondo pentsatuta, ni ez naiz goraka dihoazen burbuila horietako bat, burbuila horiek azalera iritsi eta aidean desagertzen dira, aske. Ni koparen kristalari pegatuta geratu diren horietako bat naiz… Mugitzeko, gora egiteko, askatzeko beldurrez. (…) Barkatu! Burbuilei begira jarri eta burua joaten zait. Beno… zertan nengoen? Ah, bai, bostgarren urratsa, kaña erreposatzen utzi bigarren aldiz. 20:08 Laugarren uratsa! Zerbeza lehenengo aldiz erreposatu ondoren, txorrotaren azpian jarri, bi atzamarreko distantzian, eta berrogeita bost gradutako inklinazioarekin, koparen bi heren bete arte. 20:07 Hirugarren urratsa! Behin koparen heren bat bete ondoren, erreposatzen uzten da, baina lehenago kolpetxo bat emango diogu, burbuilak azkarrago igo daitezen. Kolpearena beste detaile bat da, eta lehen esan dut, detaileak inportanteak direla. Kaña on eta txar baten arteko aldea, detaile txikiek erabakitzen dute. 20:06 Bigarren urratsa! Behin kopa freskaturik, txorrotaren azpian jarriko dugu, bi hatzamarreko distantzian, eta berrogeita hamar graduko inklinazioaz, heren bat bete arte. Ondoren erreposatzen utzi. 20:05 Lehenengo urratsa: kopa busti eta freskatu. Hau, kopa bustitzearena eta freskatzearena detaile txikia ematen du, eta tabernari askok ez dute haintzat hartzen, baina detaileak inportanteak dira. 20:04 Loreak ikusten dituzue? Hemengo betiko bezeroak direnak, seguraski erreparatu diote detaileari. Eta arraro somatu. Hemen ez da inoiz egoten lorerik. Gaur bai. Nagusiaren andreak oparitu dizkit. Detaile bat da. Loreak oparitzen dizkidaten lehenengo aldia da. Nik neuk ere ez diot inoiz lorerik oparitu inori. Ez zait burutik pasatu ere egin. Romantizismoak romantikeria iruditzen zaizkit. Baina detaile bat da. Gutxitan azaltzen da hemendik nagusiaren andrea. Baina gaur etorri da, eta nagusiarekin hitz egin eta gero, berak, lore sorta hau oparitu dit, eta eskerrik asko guztiagatik esan dit. Eta nik “Milesker zuri ere, Andrea, bihotzez, milesker zuri ere” erantzun diot, eta uste dut benetan esan diodala. Esan nahi dut, ez zuela inolako beharrik detaile hori izateko, eta hala ere… Eskertzekoa da. 20:03 Kaña bat ondo botatzeko instrukzioak… Ez da azaltzeko zaila, baina ez dakit nola moldatuko naizen. Apur bat urduri nago, arraro egiten zait hainbesteko protagonismoa hartzea. Aurpegi ezagun batzu ikusten ditut, betiko bezero batzu… Arratsaldeon, andrea. Arraro egiten zait “arratsaldeon” esatea. Normalean “egun on” esaten diot beti, egunero egunero, gosaltzera datorrenean. “Egun on”. Ez dugu besterik esan behar, nik badakit zer ipini behar diodan, kafea eta kroasana plantxan, eta berak badaki zenbat ordaindu behar duen, bi euro eta hamar. Zertarako gehiago esan? 20:02 Hasi baino lehen ekitaldi xume honen zergatia azaldu nahi dizuet. Gaur nagusiarekin hitz egin dut. Bere emaztearekin etorri da tabernara, aspaldiko partez. Nire finikitoa negoziatzera etorri da. Plantilla murriztu beharra dagoela eta nire erritmoa ez omen dela egoera berrira ondo egokitzen. Niri paradojikoa iruditu zait negozioa hobeto doenean, plantilla murriztea, baina nagusiak ondo azaldu dit, eta ulertu diodala uste dut. Ezingo nizueke kontatu, baina berak ondo azaldu dit. Asko daki ekonomiaz. Ondo hartu dut. Beste gauza asko egiteko denbora izango dut. Kontua da nire betiko bezeroei agur esan nahi nizuela eta beno… bide batez, hainbeste urtetan baturiko jakinduriaren parte bat eskeini, joan baino lehen, haizeak eraman dezan baino lehen. Nire ondarea, nolabait esanda. Kaña ondo botatzen erakutsi nahi dizuet. 20:00 Beno. Hasi gaitezen. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña: honetara hitzaldi etorriak ongi, jaunandreak milesker. Iluna. HITZATZEA H. Rider Haggard-en 1887ko She eleberriak, F. Scott Fitzgerald-en 1922ko The Curious Case of Benjamin Button ipuinak bezala, Patxo Telleriaren Tabernaria bakarrizketak ezaugarri berezi bat dauka: atzetik aurrera kontatzen da. Lanaren azpitituluaren sintaxiak –“Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña”– ez du esan nahi Patxok euskara galdu duenik, ezta Booktegikook testua atzekoz aurrera kopiatu dugunik ere, baizik eta istorioaren bukaera haserian irakurriko dugula, eta hasiera, bukaeran. Bestela esanda, hasieran jakingo dugu zer gertatzen den kontakizunaren bukaeran, eta amaieran hasieran gertatzen dena. Drama askotan –antzokietan, zinemetan, baita gure e-liburu irakurgailuetan ere– onartzen ditugu erabat sinesgarriak ez diren hainbat gertaera. Fikzioan arautuak dira, eta erabateko sinesgarritasun falta ez dugu aintzat hartzen, istorioa eta pertsonaiak aurrera joan daitezen. Dramagile bilbotarraren lan honetan, ordea, ez dugu onartu behar asmakizun sinegaitzik, baizik eta kronologia berezia. Onesten badugu, Tabernariak erne edukiko gaitu istorioan zehar, eta, gainera, denboraren iraulketak arreta biziagotu egingo digu. Horrelakoetan, ba al dago spoilerrik egiterik hitzaurre batean? Ba al dago goizegi kontatzerik bere buruari spoilerra egiten dion kontaketa baten gakoak? Uste dut egin litekeela, eta, hori dela eta, saiatuko naiz irakurleen plazera ez zapaltzen. Kontua da, nahiz eta bukaera hasieratik jakin, ez dakigula gauza handirik, baldin eta horraino iritsteko bidea ezagutzen ez badugu. Ezer zapuztu gabe –spoiler hitza ingelesetik datorkigu, eta hitzen sustraia spoil da, alegia, hondatu edo zapuztu–, esan dezakegu Telleria jaunaren lan honetan zerbait ikasiko dugula garagardoa ateratzeko moduez. Horretan ez dago perfekziorik, noski, –eta, gainera, perfekzioa existituko balitz, faxista izango litzateke–, baina aitortu behar dugu kaña on bat eskuratzea zaila izan daitekeela gure hiri eta herrietan. Lehenengo oztopoa garagardoa bera izaten da; bigarrena, upeletatik txorrotetaraino doazen hodien zikinkeria; eta, hirugarrena, birra ateratzen duen eskua. Baina, noski, ez dizuet hori baino gehiago kontatuko. Wire taldearen letra baten arabera, “aparteko gertaera bat aurkitzea erraza da, hasiera eta bukaera ezagutzen ez baditugu”. Tabernarian antzeko zerbait gertatzen zaigu, baina beste hurrenkera batean: istorioaren hasierara iritsi arte zer gertatu den jakin gabe, hasiera horrek –bukaeran zer gertatzen den kontatzen diguna– ez digu spoilerrik egiten. Baina, badaezpada ere –eta kontakizunari ispilua eskaintzeko asmoarekin– hitzaurretxo hau liburuaren bukaeran jarriko dugu, hitzatze bihurtuz. Aritz Branton Donostia, 2017ko irailaren 30an
booktegi.eus https://www.borobilteatroa.com/ JOKOZ KANPO Mikel Pagadizabal Nagore Aranburu Anartz Zuazua DJ Epaiketa. Argia egingo da eta epailearen idazkaria ikusiko dugu. IDAZKARIA Akusatuen aulkian, Manuel Garagorri Irisarri jauna, adinez nagusia, kondenarako aurrekaririk gabea, gertakarien egunean Los angeles ikastetxeko infantilen futbol taldeko entrenatzaile, eta Martin Amiano Gorosabel jauna, adinez nagusia, kondenarako aurrekaririk gabea, gertakarien egunean Mendia ikastetxeko infantilen futbol taldeko entrenatzaile. Gertakariak: 2014ko ekainaren 22an, igandea, bi akusatuak eztabaida sutsuan murgildu ziren, lekuko guztien arabera, elkar irainduz, parean jarritako guztiarekin borrokan amaitu arte. Ertzaintzaren presentzia derrigorrezkoa izan zen gertakariak gehiagora egin ez zezan. Epaile ikustezinak Manuri altxatzeko eskatuko dio. Manu altxatuko da. MANU Bai, ni naiz Manuel Garagorri. Baina denek Manu deitzen didate…zera da, nola esaten da, sinonimoa, hau da desberdiña da baina ez da berdin, ulertzen?... Zein Martin? Bai, Iaspaldi ezagutzen dut…gaztetan kuadrilakoak ginen… eta azken urte honetan berriz topatu dugu elkar umeak entrenatzen. Egia da, bai, dena finala baino astebete lehenago hasi zen...Iker, nere taldeko jokalari onena lesionatu zen egunean DJ Musika eta errekreoa. Ume-iskanbila. Eeeeooo entzungo da eta hiru aktoreak agertuko dira: IKER (Joseba) eta JONKARLA (Sota) “oro-platara” aukeraketa aurreko pausoak eginez. MIKEL (Hormaza) tartean. Aukeratzaileentzat ikustezinena izango da. IKER ORO JONKARLA PLATA IKER ORO JONKARLA PLATA IKER ORO JONKARLA PLATA MIKELI baloiak aldegingo dio. Atzetik joango da. IKER ORO JONKARLA PLATA JONKARLAK hanka piskat zeharka jarri eta turnoa irabaziko du. Jokalari aukeraketan hasiko dira. JONKARLA Oro! Oro! Ni hasiko naiz! Lerelele! Ehhh… XABI. IKER Joe! Nik aukeratu behar nuen Xabi! Ehhh IMAGOL. MIKEL tartean sartuko da besteak beregan fija daitezen. JONKARLA Eeehhh…AITZOL. IKER Mmmmm…eeeh…GARIKOITZ. MIKELek señakeak egingo ditu, besteek ez diote kasurik egiten. JONKARLA Mmm… XABAT MIKEL Ni,ni,ni,ni,ni,ni IKER Eeeeeh…UNAI. MIKEL (eskua altxatuaz) Ni,ni,ni,ni,ni,ni,ni,ni,ni,ni,ni,ni… JONKARLA Mmm…JOSE OSVALDO. MIKEL Jose Osvaldo? Beti Real Madrideko kamisetarekin etortzen da-ta! JONKARLA Bai, baina kamiseta Ilarramendirena da. IKER Mmmm (aukeraketa zaila, kanpora begiratzen du eta Mikeli, Mikel eskua altxata) mmmm ALAZNE. MIKEL Jo! Alazne neska da! IKER Zuk baino hobeto defenditzen du. JONKARLA Ehhhhm…eeeehmmm…ehhhmmmmm… MIKEL Ez dago besterik! Ez dago besterik! Udalekutan esan zenidan zure laguna nintzela. JONKARLA Bai, baina Manu entrenatzaileak esaten digu futbolean ez dagoela lagunik. MIKEL Baina jolasgaraian gaude! ! JONKARLA Eta zer? MIKEL Emaitza berdin duela. Benga mesedez, mese, mese… JONKARLA Bale, baina portero. Pares edo nones? IKER Nones. JONKARLA Guk ateratzen dugu. Jose Osbaldo! Atera! Partidua hasiko da. MIKEL Jonkar, Jose Osbaldori katekesian esan diotena sinisten duzu? JONKARLA Zer? MIKEL Jainkoa leku guztitan dagoela. JONKARLA Nola egongo da jainkoa leku guztitan. Jainkoa Barçan dago. Momentu batean Iker lesionatu egingo da. JONKARLA eta MIKEL IKERrengana hurbilduko dira. IKER minez sofritzen. JONKARLA Halaaaaa, patata bat ematen du! MIKEL Haalaaaa!!! Minik bai? (ikutuko dio) IKER Aaaaaaaaaaaarghhhhh!!! Ez ikutu jode. BIAK Goazen andereñoarengana. MIKEL Joe, ze zorte txarra. DJ Gimnasioa. Ruben eta Alfon pesak egiten. Manu, beste makinan. Esfortzu soinuak. Zeinek egin haundiagoak. Alfonek ederki egingo ditu pesak MANU Xiu, xiu, xiu, xiu…. Rubenek bere sorbalda ukitzen hasiko da. ERRUBEN Ostia! Sorbalda... ALFON Zer? Mina? ERRUBEN Bai. Hemen. Manu, beregana doa. MANU Ea, utzi niri. Sorbalda ikutuko dio. ERRUBEN Aaaah! Kontuz, kontuz! ! MANU Lasai, utzi ikusten. Ibiliko zinen jotake. ERRUBEN Eskubiarekin aritzen naiz. MANU Aber! Utzi ikusten ERRUBEN Ikusi hortik. Ikusteko ez daukazu ukitu beharrik. Manuk, berriro ere ukitu egingo du. ERRUBEN Aaaaah, ez ukitzeko! MANU Lasai, zerbaitetaz baldin badakit, giharrez da. Manuk sorbalda hartuko dio taxistari. MANU Non duzu mina, hemen? ERRUBEN Ez. Hareago. MANU Hemen. ERRUBEN Aaaaaah, baii. MANU Uuuuh... ERRUBEN Zer da? MANU Ideiarik ez. Utzi probatzen. ALFON Karo, karo, karo... Ezin dana da, bizitza osoa kirolik egin gabe pasatu eta gero 40rekin triatloia prestatu. ERRUBEN E, ni ondo nago, e? Erretzeari utzi diot, eta edan ere gutxiago edaten dut. Manuk taxistari besoa luzatuko dio eskua aurpegian jarriaz. ALFON Bai, ondo, ondo baina… (Txortan egiteko keinua egingo du) batere ez. Ta horrek karga muskularra sortzen du. ERRUBEN Ba, oker zaude. Inoiz baino gehio! ALFON Ordainduta, nik ere bai. ERRUBEN Ze ordaindu eta ze krixto! Sare sozialetan ibiltzen hasi naiz, nire argazkia jarri, eta nirekin saltsa izan nahi duen neska batek toke bat ematen dit. DJ Tarzán.Telefonora mezu bat iritsiko zaio. ERRUBEN Begira! Nirekin nahi duen norbait! ALFON Bai, horixe! Taxia behar duenen bat! ERRUBEN Eeez, ba!! Hara…abrir mensaje…Neska bat… Jocelyn! ALFON Zer da? Matxupitxua? ERRUBEN Zer esan dizuet? Nire argazkia ikusi du eta seko flipatua geratu da! ALFON Baina nor da hau? Harry Potter? MANU Erakutsi. Baina zein kristo da? ERRUBEN Zein izango da ba? Ni. ALFON Zu? Jo,jo,jo baina noizko argazkia jarri duzu?? ? MANU Argazki honetan barrabiletan ilerik ez zenuen! ERRUBEN Ixo biok! Aizu, zuk ez al zenuen orain lanean behar? MANU Gaur jai eskatu dut. Igandean final haundia dugu eta futbol final batek konzentrazio haundia eskatzen du. Ni naiz haurren gidaria! Nik erakutsi behar diet garaipenaren bidea. ALFON Menotti, Sir Alex Ferguson, Guardiola, eta orain Manu. Futbolaren gurú berria. Harrapazak. DANI Zuk zer jakingo duzu! ALFON Nik? Nik dena dakit. Galdetu nahi duzuna. DANI Ea, nork asmatu zuen penizilina? ALFON Baina ze galdera da hori? Horrela nola ligatuko duzu?!! Galdetu zerbait interesgarria. MANU Utzi Neri. Atletikeko ekipo mitikoa ALFON Bua, erraza. Lezama, Canito, Etxenaga, Manolin, Nando, Iriondo, Venancio, Arrieta, Zarra, Panizo eta Piru Gainza. Galdetu zerbait zailagoa, jode. DANI Mmmm aber…92ko txanpionsa irabazi zuen Bartzelonaren alineazioa. ALFON Ixo Manu. Aber: Zubi, Ferrer, Koeman, Nando, Eusebio, Guardiola, Bakero, Laudrup, Juan Carlos, Julio Salinas eta Stoichkov. MANU Aldaketak? ALFON Andoni Goikoetxea eta Alexanko. Ronald Koemanen gola 111 garren minutuan. MANU Harrigarria. ALFON Gaur egun futbolaz jakin gabe ez zoaz inora. DJ Mensaje.Telefonoko mezu bat entzungo dugu. ERRUBEN Hara! Mezua. (hirurak hurbilduko dira) Ei, mutilak: Jocelynek baietz. Nirekin gelditu nahi duela! ! Conga bat egingo dute. DJ TELEFONO baten DEI HOTSA ENTZUNGO DA. MANU (telefono txiki bat aterako du) Hola maja Zer? (...) barkatu majo Nola? NO ME JODAS!!!! (...) Baina ondo dago ez? Ezin dela tentetu? Tentetu ez, tontotu bai ordea (...) Mekauen la madre...Zenbat aldiz esan behar zaie ume alu hauei partiduak baino lehen txorakeririk ez egiteko, HOSTIAS!! ! ALFON Ze gertatu da? MANU (lagunei) Lesionatu egin dela, Iker! ERRUBEN Casillas? MANU Ez gizona, Iker, nere ekipokoa!! Bederatzia!!! Golak sartzen ditun bakarra, joder!! DIOS!!! ! ERRUBEN Bueno, ni ere banoa. Jocelynekin gelditzeko, dotore jantzi behar naiz. ALFON E, gogoratu, bandera beti altxata. MANU (telefonotik)ba izotza jarri, () ba nik zer dakit, erosi gintonk bat Bai, bai oraintxe noa. Bakarrik dago? A, bere aitarekin doa. Bale, bale, ba gero pasako naiz. Joder, joder, joder… Badoa korrika MANU. DJ Hospital Iker, hanka minduta, eta bere aita pasilotik konsultara datoz. Aita telefonoz hizketan. AITA Pues lo que te decía, que el chaval que se ha hecho un esguince y tiene la final el domingo… Pues ¡como voy a estar…hasta los mismísimos!.. Esto es inaceptable! Nos han tenido esperando…media…y ahora nos han llamado... Bueno te dejo, que entramos… Telefonoa kolgatuko du eta medikuarekin hitz egiten hasiko da. AITA Hola, buenas tardes. ¿Qué, con mucho trabajo, no? MEDIKUA Kaixo, arratsaldeon. Bai lan asko bai. AITA Aiba! Mediku euskalduna. MEDIKUA Bai, euskalduna naiz, bai. AITA Euskaldun berria ala zaharra? MEDIKUA Euskalduna. Eseri hemen, mesedez. Zer gertatu da? AITA Ba, ordu erdiz egon garela zai. Eta txorkatila hau urjentzia bat dela! ! MEDIKUA Ikerri galdetu diot. (haurrari) Iker duzu izena, ezta? Pausa AITA Erantzun! IKER Bai. MEDIKUA Nola hartu duzu mina? IKER Ba... AITA Futbolean. Portzierto, lesionatu zaituenari itzuliko zenion bueltan zartakoa, ezta? IKER Bakarrik egin dut. AITA Bakarrik? Zu tontoa al zara? Finala baino lehen futbolari onek ez dute ezer egiten. Fijatu Messik! Finala bezperatan hantxe ibiltzen da zelaian, baloirik ukitu gabe, paseatzen... IKER Joe, aita! AITA Ez aita ta ez aito!! Igandean finala jokatu behar duzu, bai ala bai, “ojeadoreak” etortzen dira final horietara. Ez baduzu jokatzen, ez zaituzte ikusiko eta talde haundiren batek fitxatzeko aukera galduko dugu. MEDIKUA Dugu? AITA Nere semea, OSO ONA da. Izugarrizko ahalmena du futbolerako. Kapitain jokatzen du, bista ona, azkartasuna, valors, fair play, hau da, crack bat. Nabari zaio, ezta??? ? MEDIKUA Nik ume bat besterik ez dut ikusten. Utzi begiratzen, mesedez. Hemen mina, Iker? AITA Bai. MEDIKUA Hemen, minik egiten? AITA Hor gutxiago, ezta? Larria al da? Igandean jokatu egin behar du, bai ala bai. MEDIKUA Bueno, ez daukazu ezer hautsita, handitua besterik ez. Pomada bat emango dizut. Bendarik ez duzu behar. AITA Pomada, oso ondo. MEDIKUA Hiru astetan erabateko atsedena egin eta listo, sendatuta! AITA Hori zer da, entrenamendu flojoagoa...? MEDIKUA Hiru astetan REPOSO TOTAL AITA Nola reposo?????? Igandean finala jokatu behar du Ikerrek. MEDIKUA Aizu, gauza bat: ez dakit ba ote dakizun edo konturatu ote zaren baina hemen medikua ni naiz AITA Eta Ikerren aita, ni, eta nik esaten dizut finala jokatu egingo duela. MEDIKUA Baina ikusi al duzu? Txonkatila zure burua baino puztuago dago! Ezinezkoa da haurrak egoera hontan partidua jokatzea. AITA Jokatu egin behar du! Ezin al diozu zerbait infiltratu? MEDIKUA Ez. AITA Fajaren bat-edo jarri igandean jokatzeko! MEDIKUA Ez. AITA Baina zu ze mediku klase zara? Hortarako ordaintzen al ditut nik zergak? Nire semea ez sendatzeko? MEDIKUA La madre de dios. AITA Errazena hori da: hiru astez ez mugitzeko esan eta lasai gelditu, reposo, reposo, mis cojones… zuk ze fakultatetan ikasi duzu? MEDIKUA Ea, gauza bat esango dizut argi: zure semeak hiru aste behar ditu osatzeko. Pomada eman eta punto. Ez dago beste misteriorik. Animo, Iker! Ondo jarriko zara hiru astez atseden egin ezkero! IKER Eskerrik asko. AITA Eskerrik asko? Zu tontoa zea! (medikuari)Begira matasanos! Nik ere argi esango dizut: nire semeak igandeko finala jokatu egingo du, bai ala bai! Ulertzen? DJ Epaiketa. Buelta epaitegira. AITA Eta zer egin behar nuen? Ixilik gelditu! Nik nire zergak beti egunean ordaitzen ditut, txintxo txintxo protestarik egin gabe. Eta zertarako? gero arazo bat duzunean ez dute ezer konpontzen funtzionario alu hoiek! (...) Ez, funtzionario denak ez zarete horrelakoak baina batzuk bai. (...) Biolento? Ni?! Et, et, et, hori bai ezetz. Orain ezingo dugu protesta ere egin injustizien aurrean! DJ (telefonoak joko dio) Ez nintzen ni izan partiduko egunean biolento jarri zena! Nik nire semearentzako onena besterik ez nuen nahi, hoixe!! Que?? (...) Si ya te he dicho, en el juzgado!! No, esto va para largo. (...) no puedo hablar, luego te llamo. (eskegiko du) Eseri? Baina oraindik ez dut kontatu istorio guztia? (...) Bai. Bale.Itxarongo dut. (badoala ahopean) Funtzionarioekin beti berdin, “espere su turno” ta gaueko hamarrak arte hementxe. Joer... Aita atzera joango da eta Martin hurbilduko da epailearengana MARTIN Martin Amiano. Mendia ikastolako taldearen entrenatzailea. Bai. Manuk esan duena egia da. Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Ez, lagunak ez, -ezagunak. Garai batean bai, kuadrilakoak ginen. Baina Manurekin ez naiz sekula fidatu. Zerbait jokoan badago ez du sekula zalantzarik egiten. Nahiago irabazi aldamenekoa zapaldu behar badu ere... Ez, partidua baino lehen ikusi ginen. Nere lanera azaldu zen… arte ederren museoan… ze egun?... Asteazkena izango zen…bai asteazkena esgintzearen hurrengo eguna… DJ Musika.MARTIN museoko aulkian eserita egongo da. Isiltasuna. Erlojua begiratuko du. Atzean figurak, koadroak eta behar dena. MARTIN Ordu erdi eta etxera. Animo. Lasai egongo da. MARTIN Egun osoan inor ez. Hauxe da museo batean lan egitearen abantaila. Estrés gutxi. Altxako da paseotxo bat ematera. MARTIN Gero kultura garrantzitsua dela esango dute. Begira pertsonai guzti hauek…Historia egin zuten eta ez ditu inork ezagutzen. Napoleon, inork ez daki nor den…Aldiz Guardiola eta Ancelotti…denak ezagutzen dituzte. Eta zergatik? Final bat irabazi dutelako. Ezaguna izateko final bat irabazi behar duzu. Eta nik ez dut bat bera ere irabazi. Galtzaile garenok ez gaitu inork ezagutzen. Manu sartuko da. MANU Martin, Martin! MARTIN Aiba dios! Zer ikusten dute nire begiek! Manu Garagorri museo batetan!!! ! MANU Joder. Hamabi euro kobratu nahi zizkidaten museoan sartzeko! MARTIN Museotan sarrera ordaindu egin behar da. MANU Faborez, hamabi euro poster batzuk ikusteko? MARTIN Oleoak dira MANU Berdin da. Hamabi eurogatik bi gintonik dauzkat MARTIN Zertara etorri zara? MANU Arazotxo bat daukat. Nire taldeko jokalaririk one... jokalari bat, lesionatu egin da. MARTIN Eta? larria da? Ze gertatu zaio? MANU Esginze bat. Hiru astez ezin izango du jolastu. MARTIN Gizajoa. MANU Gizajoa baino aldrebesa esango nuke. Zeini okurritzen zaio final aurretik eskolako atarian jolasean ibiltzea?? ! MARTIN (ironiko) Egia. 11 urteko mutiko hauek ez daukate bururik gaur egun. MANU Hoixe. Ikusten? Entrenatzaile batek bakarrik ulertzen ditu beste entrenatzaile baten buruhausteak. Martin Igandeko finala atzeratu egin behar dugu. MARTIN E? Nondik atera duzu hori? Jokalari bat lesionatzen denean, ordezko batek jokatzen du eta punto pelota. MANU Hostias, Martin! (diximulatzen) Ez zaitez hain zorrotza izan. Ez badu jokatzen mutikoak pena haundia hartuko du eta horrek trauma bat sortu diezaioke. MARTIN Eta ez da izango... ez dakit e... arriskatzera noa hipotesiarekin... lesionatu den mutiko hori oso ona dela eta bera gabe finala kolokan ikusten duzula? MANU Bai zea! Joder, Martin, nola pentsa zenezake hori nitaz? MARTIN Ba, txikitatik ezagutzen zaitudalako. MANU Martin nik beti zintzo jokatu dut zurekin. MARTIN Bai? Mutiko haren fitxa falsifikatu zenuenean adibidez? MANU Perutik etorritakoa zen! Txiki txikia. Nik zer nekien. MARTIN 15 urte zituen. MANU Eta zu duela bi urte, arbitroa eta bere emaztea landetxe batera gonbidatu zenituenean, zer? MARTIN Zer, bere urtebetetzea zen. MANU Ez zenituen ezagutzen eta! ! MARTIN Eta zu? Dutxetako ur beroa moztu zenuenan? Nere taldeko ume guztiak gripea hartu zuten. MANU Nik ez nuen ezer moztu! Bonbona bukatu zen. Gainera kontu zaharrak dira horiek…pertsonak aldatu egiten gara. MARTIN Zu ez. MANU Finala atzeratzen laguntzen badidazu mariskada nere kontu. MARTIN Ikusten? Mariskoari alergia diot. MANU Ba lau bogabante oparituko dizkizut. MARTIN Bogabantea ere mariskoa da. MANU Bueno, Martin, haurren arteko partidu xixtrin bat besterik ez da-eta! MARTIN Haurren partidu xixtrin bat? MANU Bai, hauren arteko partidu xixtrin bat. MARTIN Ba, partidu xixtrin bat bada, joka dezagun. MANU Hori da zure azken hitza? MARTIN Ez. Atea hor dago. Martinek desafioa bota dio Manuri. Honek, zorrotz begiratu ondoren arerioari, eutsi egingo dio desafioari. MANU Oso ondo. Ederki damutuko zaizu. Badoa Manu. MARTIN Uaaaaaaaa!!! Oraingoan bai! Oraingoan finala irabazi eta Martin pasako da historiara!! Egin lekua Zumalakarregi!! ! Museoko langile bat sartuko da eta Martinen dantzak ikusiko ditu PURI Martin, ikastolakoek deitu dute ez datozela. Itxi egingo dugu. DJ Apagón.Automatikoak salto. Martin eta bere 2 lagunak, Jose eta Dani etxean. DANI Baina, zer egin duzu Martin? Martin sartuko da MARTIN Ez dakit, zerbait gaizki. Jose, igo automatikoa. JOSE Egidazu kaso: nik antzeko lanpara bat montatu dut etxean eta egin beharreko lehenengo gauza da A, Bn sartu Martinek pieza bat hartuko du. DANI H, Gn. Hori jartzen du instrukzioetan. JOSE H, Gn ez A, Bn sartu. MARTIN ¡¡Ixilik egongo zarete eta destorniladorea pasako didazue behingoz! ! JOSE Jakin daiteke zer pasatzen zaizun? Ez dut ezer ulertzen. DANI Ba lau aldiz esplikatu du ba motel, ez da hain zaila. Manu Garagorri joan zaiola museora, akordatzen? Eskolako Manu. Manu txangurro croissant Manu. Manu… Josek parrez hasiko da. Asko erretzen ari den prorroaren eraginez. JOSE Bai, eta? MARTIN Nola eta?! Joder, hau ez da hola! Zer jartzen du intrukzioetan? DANI H, Gn sartu. JOSE H, gn ez. Egidazu kasu. A, Bn sartu. MARTIN Zuek eztakizue besteik esaten??! Pili lanetik etorri eta lanpara montatu gabe badago gozoa jarriko da!! ! JOSE Jesus, gizona, genio txarra dauka baina ez da munstro bat! Nola haserretuko da ikeako lanpararengatik. MARTIN Bi urte daramadalako montatuko diodala esaten, eta gaur montatuko dut! ! DANI Martin, jakin al daiteke zer gertatzen zaizun? MARTIN Esan dizuet Manuri jokalari onena lesionatu zaiola. Eta finala atzeratzeko eskatu didala. DANI Bai, eta ezetz esan diozula. Hamar bat aldiz esan diguzu telefonoz ohiuka eta dantzan, bai. MARTIN Etzen gutxioagorako! JOSE Ez. Hori ere egia da… MARTIN Behingoagatik nik finala irabazi nezaken!!! Behin bada ere gailurra zer den jakin!! Eta Manuk lokatza jango luke gainera!! Ni goian eta Manu hondoratuta!!!! Ez zegoen ni baino gizon zoriontsuagorik munduan finala zein egunetan den gogoratu naizen arte! ! DANI Museoko ate irekien eguna? ? JOSE Jode, ez esan amaren eguna dela. Ez diot ezer erosi…beno oraindik garaiz nabil. MARTIN Ez. Pili eta bion ezkontza urteurrena. BIAK Hostias. DANI Eta esan diozu ez zarela joango? MARTIN Esan banio lanpara montatzen ariko nitzela uste dezu? ? DANI Ba barrabilak moztea nahi ez baduzu, hobe duzu ez esan, eta finala atzeratu. Josek lehioa irekiko du. DJ Lehioa ireki JOSE Martin, hori ez al da Piliren kotxea? Martin lehiora doa MARTIN Hori fruteroaren kotxea da. Ez al duzu ikusten “Frutas Benancio” jartzen duela. Martin lanpara montatzera doa eta Josek lehioa itxiko du. DJ Lehioa itxi DANI Eta hori? Danik, beste lehioa irekiko du.DJ Lehioa ireki MARTIN Zein? DANI Hori. Tipo hori, txakurrak kaka egin eta hortxe utzi du lasai asko. Zerria!!! ! MARTIN Llevate el postre a casa!! ! Biak Martinengana dihoaz baina lehioaren beste aldetik zerbait entzuterakoan lehiorantz zuzenduko dira. BIAK Tu puta madre! MARTIN Konzentratu eta lagundu, mesedez! Danik lehioa itxiko du. DJ Lehioa itxi DANI (instrukzioak irakurtzen) Bai, bai. Aber H, Gn sartu Martinek instrukzioak kenduko dizkio. MARTIN Hori ez!! Pilirekin!! Esango diot edo ez? ? Bi lagunek batera erantzungo diote. JOSE Bai! DANI Ez! MARTIN La madre que os pario! DJ Apagon MARTIN Eta zer egin behar dut orain? JOSE A-Bn sartu. DJ Tormenta. Funde a DJ Entrenamiento. Futbol zelaia. Manu umeak entrenatzen. Silbato. MANU Ume aluak!!!! Kontu marrarekin, jokoz kapo zaudete denak. Zaindu lerroa!. Begiratu atzean Manex, edo Amets edo Xanet, nola arraio izena du ume horrek? AITONA Urko. Laua Urko da. MANU Hori, Urko. Urko, fijatu atzean, tapatu zuloak () Baina zertsn ari da ankarekin? AITONA Joder, clacke dantzaztzen ari dira, es que... MANU Tapatu hutsuneak jode .Mantendu baloia, ez du koxka egiten mantendu baloia…Baina ez hartu eskuekin. Ostia, Ume hau tontoa da edo ze kristo! AITONA Mister, nere biloba da. MANU Eta normala al da? AITONA Bai. Baina motibazioa behar du... begira, begira…Segi, segi, hori da, Txuta Mikel, bakarrik zaude…. uyyyyy. MANU Uy? Baloia errekaraino bidali du-ta. Zoaz errekara baloiaren bila, Mikel! !. AITONA Ze zorte txarra. MANU Mikel! Baloiaren bila! Horrela ikasiko du! Nola ez zarela joango baloiaren bila? AITONA Lasai Mr, ni joango naiz. MANU Oso ondo badoa aitona. MARTIN sartuko da. MARTIN Keai, Manu? MANU Hara! Falta zitzaidana!!! Zer zatoz? Gure taktikak espiatzera? MARTIN Ez. Hobeto pentsatu dut, zera, atzo zuk esandakoa. MANU Mariskoarena? Ah, debalde lortu ezkero ez dizu kalterik egiten, ezta? MARTIN Ez naiz hortaz ari. MANU Zertaz ari zara ba? Martin!!!! Ze ostia nahi dezu? ? MARTIN Igandeko finala. Gau osoan pentsatzen aritu naiz eta arrazoi duzula uste dut. Atzeratzea izango da onena. MANU Igandeko finala atzeratu? MARTIN Bai, Manu. Eskola arteko partidua da. Partido xixtrin bat. Gu haurrak hezteko gaude. Kirolaren benetako baloreak erakusteko. Pertsona hobeak izan daitezen. Solidaritatea, adiskidetasuna, talde-lana, ahulari laguntzea, integrazioa, elkarbizitza. Manu, zer ikusten duzu hor aurrean? MANU Inutil kuadrilla bat. Ze? Berdin zait kakalarria, itxoin bukatu arte. MARTIN Hostia Manu, etorkizuna dira eta gu ez gara inor beraien ametsak zapuzteko. Zure jokalari horri halako ilusioa egiten badio jokatzeak, ba bera ondo jarri arte itxarongo dugu. MANU Martin, zer gertatzen? MARTIN Neri ezer ere ez. MANU Ba orduan igandean jokatuko dugu. MARTIN Itxaron, Manu, igandean, juxtu, nire ezkontzako 10. urteurrena da. Pilik hilabeteak daramatza ospakizuna prestatzen. Jatetxera joatekoak gara bazkaltzera. 80 pertsona. Orkestra bat ere kontratatu du. Ameriketatik datoz bere lehengusuak. Ezin diot hutsegin. Mesedez eskatzen dizut. MANU Orkestra eta guzti, e? Hasieran esan besterik ez zenuen, Martin. Orain ederki ulertzen dizut. MARTIN Jo Manu. Pisu ederra kendu didazu gainetik. Ez nun pentsatzen ulertuko ninduzula. Orduan? MANU Orduan bi arazo dituzu, igandeko finala eta ordu berean duzun urteurrena. MARTIN Baina nola izan zaitezke hain kabroia? MANU Zeuk esan zenuen atzo Martin, partidu xixtrin bat da!! Eta esan nizun damutuko zinela! ! MARTIN Oraindik ez duzu partida osoa irabazita, Manu. Badoa MARTIN. Manuk zelaira begiratuko du. MANU Nahikoa da, atsedena ta sosal… Soassal, bueno, atsedena ta txarla, gerturatu. AITONA Eh Mr, baloia sasietan galdu da. MANU (ekipoari)Hurbiltzeko hombre, ez naiz hasiko megafoniatik hizketan!. AITONAK hurbiltzeko keinuak. MANU Mutilak, igandean dugu urteko partidurik inportanteena. Aurkariaren gainean nahi zaituztet. ( ) ze arreburrikito? Zuk ez al zenuen kakalarria? Ba zoaz kaka egitera eta eman pakea. AITONA Oso graziosoa... Es que... MANU Aurkariari ez utzi arnasa hartzen ( ) hitzegiteko modu bat da Mattin! ! AITONA Es que... Metafora bat da... MANU Metanfora bat. Eta sarrera gogorra egin behar bada, sarrera gogorra. Eta ez ahaztu; garrantzitsuena ez da irabaztea, edo galtzea, edo parte hartzea...beno parte hartzea bai, ze bestela nekez irabazi daiteke, baina nahiz eta irabazi ez arren edo galdu arren, baizik eta..nola zen? Beno harira!! Patadon ta todos palante AITONA Hori da! (txaloka) MIKEL Mister! MANU Zuk ze behar dezu orain? MIKEL Iker ez da sendatuko eta... nik jokatuko dut Igandean? MANU Bai, kapitaina, no te jode... Manu badoa. Mikel aitonarengana hurbilduko da pozik. Manuren esaldiaren bigarren zentzurik ez du harrrapatu. Nahi zuen zentzuarekin geratu da. MIKEL Aitona! Igandean jokatuko det! Kapitaina izango naizela esan dit oraintxe! ! FUNDAMENTITOS Bieeeeeeeeeeen!! Zure amoank eta nik bota berriak erosiko dizkizugu. MIKEL Bieeen!! ! DJ Musika Tienda denda. Arantxa eta Fundamentitos eztabaidan sartuko dira zapatadendan. ARANTXA Baina zertarako erosi behar dizkiogu bota berriak Mikeli. FUNDAMENTITOS Finalean kapitaina izango delako. ARANTXA Finalean ere bankiloan utziko du. FUNDAMENTITOS Bankiloan? Arantxa, kapitaina ez da inoiz bankiloan egoten. DJ Puerta automática. Ate automatikoak irekiko dira. ARANTXA Kaixo. DEPENDIENTEA Momentu bat FUNDAMENTITOS Goazen hemendik. ARANTXA Zergatik? FUNDAMENTITOS Itxura horrekin honek futbolaz ez daki ezer. DEPENDIENTEA Kaixo, zerbaitetan lagundu zaitzakezuet? ARANTXA Kaixo, gure bilobarentzat futboleko bota batzuk nahi ditugu. FUNDAMENTITOS Realeko botak badazkazue? DEPENDIENTEA Realekoak ez. FUNDAMENTITOS Goazen hemendik. Honek idearik ez du. DEPENDIENTEA Begira, botak ez dira izaten talde zehatz batenak. Marka, modelo gama eta seriearen arabera aukeratzen dira. Nahi izan ez gero nik lagunduko dizuet. ARANTXA Bai, mesedez. DEPENDIENTEA Botak zer dira, belar naturalerako edo artifizialerako? Hemendik horrea ikusten dituzuen bota guztiak belar naturalean jokatzeko dira, ados? Eta hauek belar artifizialerako. Multitako turf dira. ARANTXA Tuf? Ez, ez Futbola. Bilobak futbolean jokatzen du. DEPENDIENTEA Bai, bai, bai. Zein da desberdintasuna? FUNDAMENTITOS Zein da desberdintasuna. ARANTXA Utziozu esplikatzen. DEPENDIENTEA Duela urte gutxirarte 3 tako klase zeuden SG, FG eta HG. Sgak aluminiozko tako aldagarriak dira, oso aproposak belar biguin eta ezeetarsko, takoa barruraino sartzen baita Fgak aluminio edo fibrazkoak izaten dira eta gehienetan borobiltxoak, traxion estilokoak. Hau da garai batean gehien erabiltzen zen takoa. Hgak berriz fibra edo gomazkoak izaten dira, eta gehienetan multitakoak, alegia 25 tako txikiko bota Dj pitido ARANTXA Baina guk bilobarentzat botak nahi ditugu. DEPENDIENTEA Onena Mgak aukeratzea izango da; sgak, fgak eta hgak betetzen duten funtzio berdina betetzen dute baina tako gehiago dituenez, aproposagoak dira zelai guztietarako Arantxa eta Fundamentitos buruarekin baietz esango diote tonto batek bezala. DEPENDIENTEA Adin honetan garrantzitsua da zer den jakitea. Neutroa, pronador edo supinador… ARANTXA Mutila. Mikel, mutila da. FUNDAMENTITOS Neri hauek gustatzen zaizkit. ARANTXA Baina ez dakigula zer den!! Deitu Begoñari eta galdetu ea Mikel naturala, tuf edo ponedor den. FUNDAMENTITOS Utzi telefonoa. Utzi telefonoa. Telefonoa ateraz ARANTXA Eta asko saltzen dituzu? Fundamentitosek telefonoa markatuko du. FUNDAMENTITOS Begoña maitia, aizan… Mikel zer den? ponedor, txupinero edo naturala?... Bai, mutila, bai…aber… Galdetuion Mikeli… Arantxa botak ikustera doa eta bat hartzerakoan denak botako ditu. DJ Botas—caen zap FUNDAMENTITOS Bale, eskerrik asko Begoña, maitia…bai, bai…gero deituko diñat…gero, gero…listo. DEPENDIENTEA Eta? Zer da? FUNDAMENTITOS Spiderman ARANTXA Gizon hau tontua da! DEPENDIENTEA Neutroak hartuko ditugu. Ze zenbaki behar duzue? ARANTXA Ez dakigu. AITONA 10 urte ditu. ARANTXA Barkatu, 11 urte, 11. FUNDAMETITOS Ba hamaika urteko haur baten zenbakia izango duela. ARANTXA Ze uste duzu hamaika urteko ume guztiak zenbaki berdina dutela? FUNDAMENTITOS Utzi telefonoa, telefonoa utzi. Arantxak bota bat hartuko du eta ateko alarma joko du.DJ Alarma FUNDAMENTITOS Begoña, maitia…Mikelek ze zenbaki du?... Ez ez, kamisetan ez oinean...e?... 35…35… Bale,bale gero arte polita. Eskegi egingo du FUNDAMENTITOS 35. Listo Arantxa. Konponduta. ARANTXA Hori etorri baino lehen galdetu behar zenuen! ! DEPENDIENTEA Lasai familia. Jetsi ahotsa faborez. FUNDAMENTITOS Barkatu. 35. DEPENDIENTEA Ze marka? ARANTXA Ay por Dios, orain marka? DEPENDIENTEA Bai.. Adidas, nike, puma, kapa... ARANTXA Hoiek! AITONA Multitako turf! DEPENDIENTEA Ze kolore? ARANTXA E? DEPENDIENTEA Laranja edo berde fosforitoa? FUNDAMENTITOS Zeintzuk ikusten dira hobeto? DEPENDIENTEA Berde fosforitoak FUNDAMENTITOS Ba hoiexek. Horrela hobeto ikusiko dute zelaian eta baloi gehiago pasako dizkiote. ARANTXA Zenbat da? DEPENDIENTEA 140 euro FUNDAMENTITOS Hala, Arantxa, ordaindu. ARANTXA Txartelakin ordaindu daiteke? DEPENDIENTEA Ze txartel? Visa, master card, Visa oro, american express… ARANTXA Aizu, Jubilatu karnetarekin deskontua egiten al dezute? DEPENDIENTEA Ze jubilatu txartel? Aurre jubilatuarena, jubilatu normala… ARANTXA Ai ama…. Manu dutxan sartuta dago. Martin ilea orrazten. Mimoz. DJ Dutxa MANU Uuuuuh…. Oooooooostia… Alfonek begiratuko dio, oso soinu molestoa egingo du. MANU Mekagueeeeen, jodeeeeeeee, aaaaaaaaa…. Alfon gero eta urduriago. ALFON BALEEEEE, NAHIKOA DA ! !!!!! Dutxa beroa ireki! MANU Dutxa hotzak ilea sendotzen duela esaten dute. ALFON Manu, zuri ez zaizu ilea haziko. MANU Urduri nago, urduri eta horrek ez dio mesederik egiten ileari. Martin hori neri irabazteagatik kapaza da emaztea galtzeko. Dios, Iker berreskuratzen ez badut alperrik. ALFON Ba, ez baduzu nahi partida galtzera arriskatu, partidua atzeratu. MANU Ni por el forro. Nik ez dut inoiz sasi jakintsu handiuste horrek eskatutako ezer egingo. Manu dutxara sartuko da berriro. Alfonek bere ariketekin jarraituko du. MANU Aaaaaaaaa….. Jodeeeeeeee…. Taxista sartuko da. ALFON Hombreeeee, etorri da gure Romeo! MANU Me kagueeeeeeeen…. ERRUBEN (Alfoni) Zer? Dutxa hotza hartzen berriz? ALFON Bai. ERRUBEN (Manuri) Manu! Zure alopeziak ez daukala erremediorik! MANU Zure aurpegiak ezta ere. Gelditu al zara interneteko neska horrekin? ERRUBEN Bai. ALFON Eta? Informe bat nahi dut nire mahaia gainean. Con pelitos y señales, jo,jo,jo…. ERRUBEN Ba ez e, ni pelitos ni señales. MANU Zer zegoen guztiz depilatua? ERRUBEN Ez. Beno ez dakit? MANU Ze, beldurrez etxean gelditu al zara? ALFON Akojonaaauuuuu!!!! ! ERRUBEN Ke ba, ez da hori. Neska azaldu da. Oso maja eta oso guapa, por cierto. ALFON Eta? MANU Ez esan. Badakit. Zu ikusi eta ertzaintzari deitu dio. ERRUBEN Ez. Nirekin egon nahi zuen, mezuan jarri zidan bezala. MANU Joder! Orduan, zer? ERRUBEN Nirekin egon nahi zuen kosmetikoak saltzeko. ALFON Jodo…. MANU Besterik ez? ERRUBEN Ez, bueno bai. Berriro gelditu gara. Hori da onena. MANU Berriro? Afaltzera joateko? Hobeto ezagutzeko? ERRUBEN Hortarako ere bai, baina batipat erosi dizkiodan kremek efekturik egin ote didaten ziurtatzeko. BIAK Zeeee?? ? ERRUBEN Bai, komentatu didanez, gizonok ere adin batetik aurrera gure larruazala zaintzen hasi behar genuke, hildako zelulak kendu eta biziberritzeko. MANU Zenbat krema erosi dizkiozu? ERRUBEN Pare bat. ALFON Pare bat? Esan egia. ERRUBEN Sei guztira: bat, egunekoa, babes eta guzi, bestea zimurren aurkakoa, hirugarrena gauetarako... Baina ez dago gaizki, ligatzeko beste taktika bat da: nik kremak erosten dizkiot eta berak… MANU Eta berak komisioa eramaten du salmenta bakoitzeko! Zu boboa zara! BIAK (adarra jotzen) BOOOOOOBOOOOOO…BOOOOOBOOOOOOOO…. ERRUBEN Zer ote dakizue zuek? Harreman polit bat hasteko aukera da. ALFON Harremana ez dakit, baina Euskal Herriko kutisik zainduena duen taxista izango zara! ERRUBEN Bale, ados. Kremak erosi nizkion berarekin txortan egiteko. Ni oraindik birjina naiz. ALFON Zer diozu? ERRUBEN Egia. ALFON BOOOOOOBOOOOOO…BOOOOOBOOOOOOOO…. MANU Bale Alfon, utzi zazu pakean. Erruben, txortan egin nahi baduzu, segi pesak egitera. Tripa hori jetsi behar duzu derrigor. ERRUBEN Gaur ez ditut egingo. Taxisa tope daukat. Bi bezero Burlatako brujoarengana eraman behar ditut. ALFON Burlatako petrikilloa? Baina inor joaten al da oraindik petrikillo horrengana? ERRUBEN Nik astero eramaten ditut sei edo zazpi lagun. Oso ona omen da: nere koñatuak esan zidan bere lehengusu bat txeposua zela. Petrikiloak apo batekin igurtzi zion eta desagertu egin zen. ALFON Lehengusua? ERRUBEN Ez. Txepa. MANU berpiztu egingo da, tranzean bezela. MANU OSTIA!!!! Nongoa esan duzu dela brujo hori? ? ERRUBEN Burlatakoa, apoekin egiten du lan. Oso ona. DJ Kotxe pasando. IKER eta AITA TAFALLAKO BRUJOAREN kontsultan sartuko dira. BRUJOA eserita itxaroten egongo da. AITA telefonoz. AITA Marisa, ya te dije que teníamos que haber comprado otro coche…nos ha dejao tirados en Pamplona…Hasta Burlada he tenido que venir, si. Me ha dicho el entrenador del chaval que hay un brujo muy bueno, que a un amigo de su cuñado le arreglo las cervicales con un sapo…Marisa…Marisa DJ Coche pasando. Eszenatik deasgertuko dira eta urmael batera iritsiko dira. DJ sapos. Bertan txabola bat dago. Barrura sartuko dira baina ez dute inor topatuko. Kanpoan daudenean Iker enbor batean eseriko da. Orduan bere aitaren atzean norbit dagoela ikusiko du. IKER Aita… Brujoa, aitaren atzean dagoela seinalatuko dio. AITA Buenas noches es usted el sr brujo, kurandero… PETRIKILOA Bai. Ni naiz. AITA Hara, euskalduna. Begira nik egia esango dizut. Ez naiz batere txorakeri hauen aldekoa. Mutikoak esginzea dauka eta sendatzea etorri gea. PETRIKILOA Chist. Berriro begira. AITA urdurituko da. AITA Zer? BRUJOA begietara begira AITARI. AITA Zertan ari zara? PETRIKILOA Giltzurrenean harriak dituzu. Begietara begira PETRIKILOA Elikadura oso txarra daramazulako da hori. AITA E? PETRIKILOA Eta besikula ere zisko eginda daukazu. AITA Aizu hemen gaixo dagoena mutikoa da ez ni. PETRIKILOA Chissss. Gauetan egarri askorekin esnatzen zara? AITA Ze egarri eta ze kristo! ! PETRIKILOA Elikadura txarra, jenio txarra eta ondorioz osasun txarra. IKER Dena asmatzen ari da aita! AITA Zu ixo!!!! Emaiozu umeari txonkatileko esgintzea sendatzeko belarren bat. PETRIKILOA Nahi duzun bezela. (Haurrari begiratuko dio) PETRIKILOA Listo!! Esgintze sinple bat da. Ezerren beharrik ez dauka. Bi aste reposoan eduki eta sendatuko zaio. Jutearen imintzioa egiten du. AITA Reposo???????? Baina zuek ez dakizute beste ezer esaten edo ze kristo!!! Igandean finala jokatu behar duela! Horiek al dira zure botere majikoak? Ez al zenuen txeposo bat sendatu? Igurtziozu txorkatila apo horrekin!! ! IKER Ez, hori ez, hobeto nago. Aita eta semea irteerara doaz. DJ Sapo Petrikiloa apoa jan egingo du. PETRIKILO Afaltzera geratu nahi? AITA Ez. PETRIKILO 50 euro dira. Jaiki eta badoaz DJ Tv. Martin eta bere 2 lagunak tabernan. Sota sale de la barra y cambia de canal. DJ Partido MARTIN Emerjentzia haundi bat dudalako deitu dizuet. DANI Ikeako beste lanpara bat? MARTIN Ez, ez, partidua. JOSE Manurekin hitz egin duzu? MARTIN Haundiuste potrohaundi horrekin ezin da hitz egin. Egia esan diot eta barre egin dit aurpegira! ! JOSE Bueno, beti bezela orduan. MARTIN Baina oraingoan irabazi egingo diot! Irabazi dezaket!! Oraingoan bai. Eta Manuri aurpegiratu mundu guztiaren aurrean... DANI Eta Pili? MARTIN Hoixe da ba arazoa JOSE Pilirekin hitzegin duzu? MARTIN Bai DANI Bai? MARTIN Bueno…hitzegin-hitzegin… JOSE Ez duzu hitzegin MARTIN Ez dut hitzegin!! Zuk ba al dakizu nola jarriko den??! Pasa den urtean urtehurrena ahaztu egin zitzaidan eta bi astetan sofan lo egin behar izan nuen. JOSE Non, Ikean bertan? DANI Gezurra esan behar diozu. JOSE Bai, eta enteratzen bada, sofara ez, amaren etxera bidaliko du bizitzera betirako DANI Denok dakigu Piliri Futbolaren kontu hauek ez zaizkiola batere gustatzen. Partiduak ezkutuan ikusi behar izaten ditugu, joer! Egia esan ezkero, dibortzioa eskatuko dizu. JOSE Merezi dizu? Partidu hori irabazteak hainbeste suposatzen du, Martin? MARTIN Oraingoan bai. Potroak puztu puztu eginda dauzkat beti galtzaile izatearekin! ! DANI Ba orduan gezurra esaiozu. Edo erdi gezurra. Lanean turnoa jarri dizutela edo ama hospitalean dagoela edo... MARTIN Bai ta nola dagoen galdetzeko deitzen dionean zer? Hori da asmatu dezakezun gezurrik borobilena?? Joer Dani…! ! JOSE Eta zer esan duzu oraintxe?? Potrotaraino zaudela beti galtzaile izateaz!! Adorea behingoz Martin! Esaiozu egia!! Emakumeek hitz egitea eskertzen dute, zure sentimenduak agertzea... DANI Bai, umemoko batzuk lokatzetan korrika ikustea nahiago duela esateak, asko xamurtuko du Pili, seguru! JOSE Gezurretan harrapatzen badu, ez dio sekula barkatuko! ! DANI Ez dauka harrapatu beharrik!! Hor dago gezurtien artea!! Gezurrak egia baino hobea izan behar du!! Una mentira bien puesta mucho vale y poco cuesta. JOSE Ez, esan egia Martin, hartu telefonua eta deitu.Egin aurre bizitzari behingoz. MARTIN Zuei deitu baino “kara o kruz” egin izan banu askoz hobe.. JOSE ”Kara o kruz” egindakoan beti zelaiaren alde lokaztua tokatzen zaizu. Hartu telefonoa eta deitu. Egin kasu! ! DANI Zuri? 45 urte dauzkazu, solteroa zara eta amarekin bizi zara. Jakin daiteke zure estrategia hoiek noiz funtzionatu dizuten ondo? ? MARTIN No se hable mas. Erabaki dut. JOSE Egia? DANI Gezurra? MARTIN Ateratzen dena!! Ezin dut gehiago pisu honekin! ! MARTINek telefonoa hartuko du. MARTIN Pili! Kari…zer moduz…bai esan diazu lanera ez deitzeko urjentea ez bada… itxaron, urjentea da…gauzatxo bat… igandean haurren futboleko finala dut. Bai, Igande hontan. Bai, badakit. Baina konpondu dezakegu ez? Urtehurrena beste egun batean, lasaiago, biok, goxo goxo ospatzen badugu zer? Zer irudi (moztuko du) MARTIN Moztu egin da. JOSE Ez, moztu egin du. Eta ez da moztuko dizun gauza bakara DJ Juicio.Buelta epaitegira. Martin egongo da epailearen aurrean. MARTIN ...moztu egin zidan. Eta etxera joan nintzenean maleta sarreran neukan. Joateko eskatu zidan. Pelota baten atzetik ibiltzen ziren tximuei begiratzea gustoko banuen beraiekin joateko lo egitera. Eta ordutik amaren etxean nago berriz. Zergatik? Ba gustatu egiten zaidalako pelota horren atzetik tximinoen moduan ibiltzea. Asko ez ikaragarri! Eta goizetan jaikitakoan barrabilak harraskatzea!! Eta ohean puzkarrak botatzea!!! Eta bai, kalean neska gazteei erretenera begiratzen diet batzutan, eta emazteak hitz egiten didanean baietz esan baino askotan ez diot entzuten esandakoa!!!! Eta igandeko partidu puta hori jokatu nahi nuen!!!! Eta irabazi!! Behingoz garaipena zer den jakitea!!! Joer... Barkatu, eske nik maite det baina batzutan... badago ur pixkat? (norbaitek emango dio) Bai, eskerrik asko... Martin ura erateko imintzioa egingo du...eta Alfon bihurtuko da gimnasioan. Aldamenean Manu izango du lehen utzi dugun postura berdinean pesak egiten. DJ Gimnasio ALFON Joder txabal, eztakit nola aguatatzen dezun hainbeste denbora MANU Urduri nago. Ikerren aitak ez du deitzen ta urduri nago. ALFON Burlatako rotondan bueltaka ibiliko da, galduta. MANU Txepak arreglatzen baditu esginze xixtrin batekin asmatuko du, ez? ALFON Txepak sartzen dituena horko tabernako betiko moxkor hori da. No, calla tu! ! MANU Txapak, ez txepak!!! ! ALFON E? MANU Hala uztagun. Bimila ta hamar, bimila ta hamaika... ALFON Komunera noa... Badoa. Ikerren aita sartuko da gimnasiora. AITA (telefonoz emaztearekin hizketan beti bezala) Q siiiii, q me han dicho que siempre esta aqui!! Tu recoge al niño de solfeo y llevatelo a casa. Y que repose, que repose todo el rato. Manu! MANU Honbre, azkenean! AITA Jakin liteke nora hostia bidali gaituzun? MANU Ze ba? AITA Ze ba? Matasanos horrek eztiolako ezer egin!! Alper alperrik joan naiz Burlataraino! MANU (pesak altxatzen jarraituko du) Joder... bimila eta ehun... AITA Hori, bai, kobratu azkar asko!!!! Porzierto, 50 euro zor dizkidazu. MANU Ta orain zer egin behar dugu? AITA Ba hasieratik egin behar genuena. JoxeMariri deitu ta pastillan batzuk eskatu. Hark jakiten du holakotan zer egin. MANU Zer da medikua? AITA Ez harakina. Baina Idi probatan ibiltzen da. MANU Idi probatan? Hori ez al da ilegala. AITA Ilegala? Manu, entzun ondo, bizitza hontan bi pertsona klase daude. Ezkerreko karriletik gidatzen dutenak eta eskubikotik joaten direnak. Eskubiko bidea dordoken bidea da, galtzaileena. Ezkerrekoa ordea, herbiena, lekutara azkar iristen direnak. Irabazleena. Manu, zu zer zea, herbia ala dordoka? MANU Eta Inglaterran ez al dira aldrebes ibiltzen? AITA Manu, herbia ala dordoka? Pentsatu…Bizitzan argi izan behar da zein den hartu behar den bidea. Aita badoa baina sartu den leku desberdin batetik. MANU Hori komuna da. Aita joan egingo da. Alfon komunetik irtengo da MANU Zuk zer uste duzu naizela herbia ala dordoka? ALFON Zu? (pentsatzen egongo da) Igeltseroa. DJ Musika Partiduko eguna iritsi da. Futbol zelaiko soinua entzungo dugu. Manu alde batetik bestera ibiltzen ariko da, urduri. Martin sartuko da bere ondora eskua ematera. Partidua hastera doa. MARTIN Gaur betiko zortea baino gehiago beharko dezu irabazteko. Onena etxean geratu zaizula ematen du! Ja! ! MANU Ez zaitez hainbeste poztu! Iker azalduko da azkenean. Benga mutilak, berotu adulteroak.. MARTIN Benga benga mutilak, konzentratu konzentrazioa ba! Antxon, zatoz, gauza bat! Martin zelaira doa. Manu, bakarrik geratuko da. MANU Mutilak, benga, berotu. Adulteroak. Nun hostia sartu da mutil hau!! ! Manu urduri bere zelai zatian. Fundamentitos eta Mikel sartuko dira. FUNDAMENTITOS Hemen gaude. Autobusa ez zen etortzen eta kapitainik gabe ezin da hasi! ! MIKEL Nun dago brazaletea mister? MANU Brazaletea? Ze brazelete? FUNDAMENTITOS Kapitainarena! Mikeli esan zenion kapitain izango zela gaur, ez zara gogoratzen? MANU Nik? MIKEL Bai. FUNDAMENTITOS Bota berriak erosi dizkiogu. Erakutsiko dizkiote. MIKEL Multitako turf. FUNDAMENTITOS 140 euro. Baina berdin da. Zer da dirua halako momentu batekin konparatuta! MANU Ya, baina Mikel gaur ezin da kapitain… FUNDAMENTITOS Jan gabe ere egongo nitzake haur honen aurpegia ikusteagatik. Gau osoan ez du lorik egin. MANU A, ez? FUNDAMENTITOS Bere bizitza osoan gogoratuko du. Final batean kapitain jokatu nuen esango die bere seme alabei eta harro sentituko dira. MANU Mikel, segi zelaira. Urko emaiozu brazaletea Mikeli…Emateko hostia. Mikel zelaira joango da. FUNDAMENTITOS Es que...!! Porteria atzera noa baloia sasietara botatzen badute berreskuratzeko. Ezkerretik aterako da. MANU Mikel, zatoz. Mikel sartuko da MANU Esan kara o kruz!! (...) Ondo. Orain erabaki zelaia. (...) Ezkerra?? Baino ume hau tontua da?? (...) Bale, bale. Ezkerra. Benga mutilak gogor. Patadon eta aurrera. Aita etorriko da. AITA (telefonoz hizketan beti bezala) Que si! Que ya hemos llegado. Noooooo, esta bien, vamos a ganar la final, luego te llamo. (eskegiko du) Ya esta! Iritsi gea. MANU Bazen garaia! Iker zoaz barrura. Ta ze, azkenean…? Aita keinua eta mugido. MANU Zenbat pastila eman dizkiozue? AITA Hori gutxienekoa da. Irabaztearren edozer gauza. MANU Mikel bankilora! Nola ezetz? ! AITA Baina ume hori normala al da? MANU Ez, oso normala ez da. Mikel etortzeko honea, hostias! AITA Ojeadoreen bila noa. Aita aterako da Mikel agertzen den momentuan. MIKEL Zer? MANU Hala, eseri bankiloan. Mikel badoa bankilora. MIKEL Baina gaur jokatu egingo nuela esan zenidan... MANU Ez. Kapitain izango zinela esan nizun. Arbitroa dator ARBITROA Aizu aizu ez da reglamentario. Kapitaina bankiloan ez, zelaian. MANU Mikel, ekarri brazaletea. Iker! Jantzi brazaletea! MIKEL Aitona, patata zorro bat erosiko? Mikel badoa MANU Iker, jantzi brazaletea eta utzi alperrik korrika egiteari oraindik ez gara hasi eta. Arbitroa sartuko da bien erdira. Serio. Euskaldun berria izango da. ARBITROA Nere lehenengo partidoa da. Hasi aurretik bat gauza pentxatxen dut esan behar dala. Kanpozelaian nahi dut joku garbi. Kirol garbi. Eskolako mutil dira jokatxen. Minimora, entxun, minimora, hasiko naiz txartelak repartitxen. Eta dakizue orain tarjeta beltxa ere dagoela, publikoarentxat. Gaizki portatutxen bada gende aterako dut. Mesedez eskatxen dut amenazak eta insultoak ez, argi? BIAK Argi. ARBITROA Ea ba, zorte ona oparitzen dizuet biek. Arbitroak bere txilibitua joko du partidari hasiera emanez. Bi entrenatzaileak euren taldeak zuzenduko dituzte era guztietako keinuak eginez. Musika bukatzean, baloia Ikerrek dauka. MANU Benga Iker, hori da, hori da, eutsi, segi Iker, segi… Orain topera! ! DJ hezur autsia MANU Hostia! ! MARTIN Hauxe da gurea Antton. Segi ez dala ezer izan. MANU Hau ilegala da. Arbitro, gelditu jokoa!! Baina nola jarraitzeko??! ! MARTIN Oso ondo arbitro. Hori da, bakarrik egin du…segi Antton… MANU Kaguen la puta!! Jose Osbaldo, ez dadila pasa, ez dadila pasa… MARTIN Peiori pasa…Hori da. Txuta Peio, txuta! Pausa MARTIN Gooooooooooool!! ! Arbitroa sartuko da ARBITROA 9 zenbakiaren tobilloa 7 bat ematen du. MANU 7 bat zure aurpegia emango du! ! Arbitroa badoa MARTIN Hori gauzak gaizki egiteagatik gertatzen zaizue!!Ja!!! Bat eta huts. MANU Ixildu zaitez, Martin! ! MARTIN Benga benga mutilak, hauxe da ta gurea. Antton! Antton! ! Martin ezkerreko aldetik desagertuko da. MANU (bankillora builaka) Mikel!!!! Mikel!!! ! Mikel sartuko da korrika zerbait edaten, aitonak erosi dion fanta. MIKEL Zer? MANU Baina utzi patatak jateari!! Eta berotu jokatzera zoaz ta. MIKEL Benetan? MANU Benga berotu gabe, ez dago ta astirik, hostias!!! Arbitro, kanbio! ! ARBITROA Senbakia? Takoak? MIKEL Multitako turf! ! MANU Mikel ez ahaztu, patadon eta gora. MIKEL Gora? MANU Jode, aurrera. Badoa MANU Mikel! ! Sartuko da MIKEL Zer? MANU Baina ez etorri…entzun, baloia pasa dadila baina jokalaria ez. MARTIN Tapatu zuloak!!! Tapatu hor… Iriarte, zer egin duzu?! Hori beste taldekoa da! ! MANU Eman Mikel, defentsarekin bakarrik zaude! Txuta, txuta, eman, eman!! ! Aaaaaah, entzungo da. MANU A ze hostia! MARTIN Baina zein da astazakil hori?!! Baina zuek ze animali klase zarete!! ! MANU Bueno, bueno, ezta hola jartzeko. Sarrera egin dio, bai. Baino altxako da eta kito. MARTIN Arbitro, ROJA!!!!! Hori tarjeta roja da!!!! Oso ondo!! ! MANU Ze roja ta ze roja ondo! !...Martin ze oparitu diozu honi oraingoan. MARTIN Tira Manu, ez pikatu. Falta izan da. MANU Ze putaseme klase zara zu? ! Manu zelaira doa arbitroaren bila. Arbitroa korrika sartuko da. Martinen atzean jarriko da Manuk jipoitu ez dezan. MARTIN E!! E!! Manu, pasa Gabe, e?! Ze ejenplu klase ematen ari zara mutilei!! ! MARTIN Ez dakizu futbolean, beti berdin, ezin duzunean irabazi besteak lesionatzera!!! Hori ROJA DIRECTA da. MANU Hasi gea, hola irabazi nahi duzu, ezta? Bestela ezin duzu ta, gixaixua! ! MARTIN Ni gixaixua? Ta zu? Animali alena?? Umeei hostikoak ematen baino ez diezu erakusten!!! !Hori ez da futbola! ! MANU Zuk egiten duzuna bai eztala futbola!!! Zergatik ez dituzu balletean edo antzerkian apuntatzen zureak!!! Han behintzat lurrera eroritakoan grazia egingo dute, hemen pena eman besterik ez duzute egiten. Beti kexuka. Lau urteko neskatilak ematen duzue! ! MARTIN Han, atera da GIZONA!! ! MANU Zer dezu zuk orain gizonen kontra?? ? MARTIN Egunen batean lehertu egingo zea, gimnasioan giharrak hainbeste puztuta. Eta (burua seinalatuz) hemen barruan?? Kaixo? Ba al da inor hor? ? ARBITROA Tranquilizatxen biok mesedes! Ari sarete ematen ejemplo oso txarra. MANU Igual zure emazteari galdetu zer nahiago duen, zure buru hori edo hemengo burua (hankarteari eutsiko dio)!!! A ez!!!! Ezin diozu galdetu!!! Beste norbaitekin egongo da ta txortan anibersarioa zelebratzen!! ! ARBITROA Da egia hori? MARTIN Mekauen la puta Manu, zure adineko guzien artean zu zara tontoena! ARBITROA Nahiko. Utzi ya. MANU Tontoena ni? Dioo…. Nahiago tontoa izan zure emazte sorgin horren menpean bizi baino! Koldarra! Sukaldero! Sekula ez dezu potroik izan eta ez dituzu izango! MARTIN Zer? Martinek behatza sartuko dio begian MANU Sera cabrón! Behatza sartu dit!!! ! Manuk puñetazo bat emango dio. Eta borrokan hasiko dira. MARTIN Arbitro! Arbitro!!! Jo egin nau.! Agresion! ARBITROA Bueno nahikoa! (kuaderno bat aterako du) Partido hau bertan behera ustea erabakitxen dut! MANU Nola bertan behera? ARBITROA Oraintxe bertan! MARTIN Ezin duzu holakorik egin! Irabazten noa! ! ARBITROA SUSPENDIDO! MARTIN ETA MANU SUSPENDIDO? Biek arbitroa joko dute edo gainera botako dira. Iluna.DJ Garraxiak aldaketa egina dagoenenan Dj juicio. Argia piztuko da berriro. Epaiketan egongo garafiskalak bere konklusioa esango du. MARTIN Señoria nik ez nuen arbitroa jo. Bere buruak nere oinaren kontra txoke egin zuen. Manu izan zen muturrekoa eman ziona. MANU Protesto, señoria! Nik ez nion inorri ezer eman. (pausa) ¿Zer? ¿ezin dudala protestarik egin? Ez da egia esaten ari eta egia ez badu esaten, egia falta da eta orduan falta da. Ezta? MARTIN Baina ze falta ta falta ondo?! Falta zure mutikoak egin zuena. MANU Protesto! MARTIN Nik protesto gehio! MANU Hor dago protestari! MARTIN Baina zer diozu? Señoria, tarjeta ateraiozu! MANU Hara Martin, ez zaitez horrela jarri. Biok dakigu zelaian gertatzen dena zelaian geratzen dela, ezta? (Martinek baieztatzen du) Señoria, zin egiten dizut hurrengoan kalean elkar ikusten dugunean ez dela ezer gertatuko. MARTIN Hortan arrazoia du señoria, ez da ezer gertatuko. Pentsa, nik ez dut agurtu ere egingo. MANU Ikusten. Gurea norgehiagoka sanoa da. MARTIN Señoria, ez zegoen inolako arrazoirik partida bertan behera uzteko. MANU Horixe. Futbola horrelakoa da…zer? Ze katu? MARTIN Bukatu. Bukatu dugula esaten du. FISKALA Eskerrik asko, señoria. Denok dakigu futbola haundia eta miresgarria dela. Futbolari esker ikasten dugu talde lanaren garrantzia, ausardia eta umildadearen arteko oreka, galtzen... Ikaragarria da nolako pasioa pizten duen, eta aldi berean ze frustazio sortu ditzaken. Gaurkoa horren lekuko da. Argi geratu da futbolari frustratuek, izan entrenatzaile, guraso edo zaleek, eragin dezaketen kaltea. Eredu izan behar luketenek arbitroari, nire defendatuari, bekainean sei puntu, eta arbitratzeko betirako beldurra eragin diote, eta 'futbola horrelakoa da' xinple batekin laburtuko dizute gertatutakoa. Normala balitz bezala. Baina señoria, hori ez da normala. Señoria, gaur zu zara arbitro: zuri dagokizu hemen ikusi eta entzundakoaren arabera, gertatutakoa epaitzea. Zuk erabaki behar duzu pertsona hauek jolasten jarraituko duten edo jokoz kanpo geratuko diren. Señoria, Zein da erabakia? DJ Juicio. Final
booktegi.eus Julene Azpeitia lehiaketa Erretratuak egiteko baino ez naiz bizi Ipuinak AURKIBIDEA Betierekotasunez Fernando Morillo Grande Makaletik madarikaturako trantsizioa Aintzane Agirrebeña Ubera Udagorriko arrastiri hartako urtegiratzea ortotsak lagun Vicente Gil de Paules Balda Erretratuak egiteko baino ez naiz bizi Josu Unzueta Hildakoaren solasak Luis Mari Mujika Zergatik? Hargatik Julene Idoate Legorburu Zazpi egun Martarik gabe Jon Aiastui Betierekotasunez Fernando Morillo Grande Urteak ziren. Urte asko, neurgaitzak kasik. Baina guzti horrek merezi izan zuen, beharrik! Merezi izan zuen. Azkenik ere... lortzeko zorian zegoen oraintxe. Arnasa sakonki hartu, eta aurrera ekin zion. Dena ala ezerrez, iritzi zion. Gerta ala gerta. Gehiegi zuen jokoan zalantza ziztrinekin hasteko. Dena, erabaki zuen, dena izan behar zen. Derrigorrez. Azken osagaiak nahastu zituen, erlojua begiratu, eta zain geratu zen. Grimoriumaren arabera, minutu batzuk besterik ez ziren izango. Minutu batzuk gehiago, demontre! Haatik, hainbeste denbora igaro bazuen ere, honez gero, hau lortu nahian, une labur hauek amaitezinak iruditu zitzaizkion. Beste pixka bat, arren, pixka bat, besterik ez. Lortu egin zuen. Gelako horma oso bat goritu egin zen gorgarriki, suaren dantza erotuaz mozorrotuz une berean. Ez zen ordea hau, su arrunta, eta ez zuen garrarik atera, beste nonbaitetik zetorren, izendaezina den sakan ilunenetik, ausaz. Seguruenik. Horman itsatsirik balego mugitzen zen sua, zelatan antza, larderiatsu betiere bi dimentsio haietara zedarriturik. Horrelako zerbait itxaroten bazuen ere, gure laguna aho bete hortz geratu zen arras. Azken unean zalantzek eraso zioten. Aitzitik, muzin egin zien oldarki. Igarobide beltz eta borobil bat zabaldu zen horman bat-batean gorgarri, eta bera ipurdiz erori zen atzera, alimaleko sustoaren ondoren. Hala ere, bere kikilkeria menperatu zuen berriro ere, irmoki. Ez zuen hutsik egingo. Ezin zuen hutsik egin. Ezin zuen. Heldua baitzen bere benetako ordua. Irudi bat irten zen pasabidetik. Itxura liluragarria zuen, mirestu zuen, egiatan gorpuzkera aparta. Ezin izango zuen egoki deskribatu, hori ezinezkoa bailitzateke ziurrenik. Ilea pizturik zuen irudiak, gar erogarriez, baina ezin zuen baieztatu jantzirik ere zegoenik, hain zen jasangaitza bere presentzia. Eta zirrara hori areagotzeko, etorri berriaren begirada zegoen. Indar ikaragarria isurtzen zuen begi distiratsuetatik, den guztia azpiratzeko jaio izan bailitzan. Nor izango zen horrelako begirada bat eusteko gai? Galdetu zion alferrik bere buruari. Nork egin lezake? Inork ere ez. Ezta inork ere! – Nork deitu nau? – egotzi zion irudi piztuak, bera bakarrik bazen ere gela osoan aurki zitekeen beste pertsona bakarra. Jolasean ala? – Nork deitu nau? – errepikatu zuen ozenkiago, besteak ez baitzion erantzuten. – Nnn... nik. Nik. – maiseatu zuen ahal moduan besteak. Bere totelka hitz egite hori ez zen ez gutxiagorako. – Hik. – ez zen galdera bat. – Bai. – Eta zertarako? Ba al dakik nor naizen? – Nolabait... bai. – Ba al dakik nor naizen? – errepikatu zion berriro. – Bai. – Ez dezagun orduan denborarik galdu. Azkenean bai, lortu behar zuen. Gaztetatik izan zen bere obsesio arreena, kiskalgarriena, bizigarriena. Bere aita zerraldoan ikusi zuenetik, gogoratu zuen. Zurbila, zurruna, munduko edertasun guztietarako itsua; egunsenti gehiagorik ez gizaldi eta gizaldietan, ez irribarrerik, ez besarkadarik, ez... milioi bat urte eguzkia mendiak zeharkatzen ikusi gabe! Milioi bat milioi urte! Eta gehiago, ene, gehiago. Nork jasan zezakeen horrelakorik? Hala eta guztiz ere, bazirudien bera besterik ez zela ohartzen, gela hotz eta negarti hartan. Beste guztiek tristura tankera bat agertzen zuten, hunkiturik beharbada, edo hala agertu nahi zuten bederen. Ama negar batean zegoen, gainontzeko hurbileko senideak antzera, goibeltasun ilun batean murgildurik. Baina ez zen hori. Ez. Ez zen hori bere arimaz jabetu zen sentipen higatzailea. Ez al zuten sumatzen bada, Dama Beltzaren soinekoaren fereka, limurtzaile bezain zarrastatzailea, barreneko hezur guzti-guztietan erroturik? Ez al zien bi huts mugagabeen arteko txinpartaren ezgauzak gogamena infinituki ohiltzen? Balirudike ezetz. Berarentzat, alta, goitik beherako antzaldaketa suposatu zuen aitaren heriotzak. Begien irekitze bortitz bat, borroka lazgarrienerako zioa. Eta beldur izugarri, neurgaitz eta atergabea halaber. Ikasten hasi zen, ero antzera, etsipenak ematen zion erabakitasunaz horniturik. Egon behar zuen bideren bat halabeharra nola edo hala saihestu ahal izateko. Egon behar zuen! Eta berak aurkituko zuen. Ikas zitekeen dena ikasi zuen, eta gehiago ere. Pixkanaka, bidezidor bat irekiz joan zitzaion. Baziren hainbat bide, arriskutsuak, ezinbestean. Baina hori, bizitza serio hartzen duen edonorentzako ebidentea zen, hausnartu zuen, ezin baita borrokara joan dena gal daitekeen uste osorik gabe. Erantzukizun-gabetasun barkaezina litzateke. Itsukeria hutsa. Ondiko handienetarako egon behar zuen prest, nahi zuena lortu nahi bazuen. Bera prest zegoen. Orain ziur zen. Orain behintzat bai. Goi-grimoriuma lortu zuen, egin behar zena egin zuen, eta orain saria eskura zekusan. Berak imajina lezakeen saririk garaiena, berealdikoena, bikainena ; Heriotik itzurtzeko aukera! Hilezkortasuna! ! – Zein da hire eskaera? – jaulki zion agerpenak ahots burrunbatsuz. – Hilezkortasuna jauna. – erantzun zion besteak ia arranditsuki. Bere nahiaren lorpen hurbilak ausarkeriaz blaitu zuen antza. – Hilezkortasuna? Zertarako nahiko huke ba hik betiereko bizia? – Hori nire gauza da jauna. Uste nuen hori eskaintzeko gai zinela. – ihardetsi zion apur bat kezkaturik. Egin behar zen dena egin zuen. Orain ezin zion ukatu! Ezin zion ezetzik esan, otoi! – Horixe naizela gai, memeloa halakoa! Zer uste duk? –itxurazko amorru suminaldi batek hartu zuen, eta literalki su eztanda batean zartarazi zen, gela osoa argi jasangaitzaz gainezkatuz. Gure lagunak begiak ireki zituenean, denak berdin zirauela ohartu zen, baina horrelako indar erakustaldi baten ondoren, dardara geldiezin batean hasi zen. – Barkatu jauna, barkatu. – eta irudiaren aurrean makurtu zen umiliaturik. – Nik... nik ezin hobeto zerbitzatu zaitut hainbat urtetan. Uste nuen... uste nuen hori eska niezazukeela. – Mmm... – murmurikatu zuen agerpenak. – Egia da bai, ondo zerbitzatu nauk. Badakik? Hire eskaera onartuko diat. Bai, hilezkor egingo haut. Tipo jatorra naizelako, gero. – Benetan? – eta bere begiak itxaropenaz urpetu ziren. – Nik ez diat gezurrik esaten! – oihukatu zuen berriro trumoi antzera. – Noski, noski. – Zehaztapen txiki bat. Hilezkortasuna heureganatzeko, lehen hil egin behar duk. – Zer? – galdetu zuen mesfidati. Zertan ari zen ordea? Bazekien bere aurreko agerpen hura ironiaren maisua zela. Adar joka ari ote zitzaion? – Esan diat nik ez diodala gezurrik. Ez duk txantxa. Heuk ikusi nola egiten duan heure buruaz beste. – Neure buruaz... beste... egin? – Bai. Behin hil eta gero, hirugarren egunean piztu egingo hintzateke, berriro sekula sekulorum ez hiltzeko. – Hirugarren egunean? Baina hori... hori ez al da...? – Ez huen ba pentsatuko lehenengoa hi hintzenik, ez da hala? – moztu zion besteak. – Ez ez. Bakarrik... – Zer? – bota zion zakarki. – Beno, deus ez. – Hori dugu guztia beraz? – Bai. – Zer erremedio. Ez zen beste ezer esatera ausartu. – Orduan, badakik zer egin behar duan. Heldu horri! – oihukatu zion, airean desagertzen zen bitartean. Gure lagunak gorde zuen irudiaren azken oroimena, irkaitz bitxi bat izan zen, nolabaiteko irribarre maltzurra. Haatik, beste gauza garrantzitsuagoak zituen orain buruan. Hilezkorra izango zen! Beste pixka bat. Pixka bat bakarrik. Pozoina aukeratu zuen. Tiroz edo labarren batetik salto egiteari bortitzegia iritzi zion bere izaera baketsurako. Lagun gutxi agertu ziren hiletara. Ezin izango zituzkeen egiazki gehiago espero, bere bizitza bakartia kontutan izanik. Ez zen ezer aipatzekorik gertatu; pare bat malko, pare bat hitz. Eta etxera. Hirugarren egunean, ikaragarrizko konbultsioak jota, esnatu egin zen, esnatu ere. Hasiera batean, itotzen ari zen sentsazio lazgarria izan zuen gainean, arnasik ezin bereganaturik, eta non zegoen asmatu ezinik bere zorabioan. Segundo luze batzuk igaro ostean, alabaina, gogoratu zuen. Hilezkortasuna. Hilezkortasuna! Barre egin zuen. Berriro egin zuen barre pozarren. Betiko bizitza. Betiko! Ez zuen ez inoiz hain barre alairik egin. Eta ez zuen inoiz gehiago egingo. Zerraldoaren barruan aurkitu zuen bere burua. Klaustrofobiako atake mutiri baten ondoren, norbaitek (inoiz badare) entzungo ziola uste nahi izan zuen, bere burua lasaitu nahi izan zuen. Denbora zuen horretarako, ez? Ez? Kolpeka hasi zitzaion zerraldoaren estalki sendoari ordea, ero moduan. Bada norbait? Norbaitek entzuten al du? Arren, arren!! Oso ilun dago. Oso. Ireki! Ireki atea! Hilezkortasuna, maiseatzen zuen tarteka izuturiko begiradaz, hilezkortasuna. Bere beldurra areagotzen zihoan denborak aurrera egin ahala. Izan ere, bere gorputza (gorpua ia), jan ezean, mugaraino ahuldurik zen, eta minak eta itolarriak goraka ari zitzaion. Min ikaragarria, berebizikoa, amaigabea. Hilezkorra. Hilezkorra! Negar egin zuen orduan, ironia beltzez gainezkaturiko negar pattala, indargea. Orain, hainbeste desiratu izan zuen betierekotasun osoa zuen bere burua madarikatzeko. Eternitate sorta bat berarentzako bakarrik, eternitate guztiak. Eta bitartean, garai batean hainbeste izutu zuen horretan pentsatzeko astia, orain hainbeste irrikatzen zuen horretan. Heriotzaren misterioa, berak orain ezagutu ezin izango zuen atseden eternoan mugitzeko ahala. Heriotza, heriotza...! Herioa... ...hotza. Hotza. Gaua. Mina. Betiko. Betiko! Ireki atea, arren! Ireki...! Makaletik madarikaturako trantsizioa Aintzane Agirrebeña Ubera Hamaika pauso triste egina naiz ni. Nire bizitzako unerik zailenak izan nituen haiek. Ez zen eguzkirik irteten niretzat eta hodei ilunek kaleak iluntasun likits batez horditzen zituzten. Mundua gero eta estuagoa egiten zitzaidan; jada, ez nintzen bizitzaren pasabide estuan barrena kabitzen. Hainbeste estutzen ninduen non ez bainuen arnasa hartzeko betarik izaten eta ito beharrean nenbilen. (Beno ez dezadan larregi exajeratu...) Etxeko arazoak gutxi bailiren, uztar-lagunak "ondo bizi" esanda aldegin zidan eta eskolan ez nuen ia bat bera ere gainditzen. Nire zerupeko unerik zailenak izan nituen haiek. Sasitik irten orduko lar tartean sartzen nintzen. (E! Zu! Irri bat atera zaizu! Ba, ez pentsa, ez zen nire errua nota txarrak ateratzea, irakasleek gorrotatu egiten nindutelako zen dena...) Nik deskuidu txiki bat egiteko zain egoten ziren haiek, eta uste gutxien nuenean, denen aurrean lotsagarri uzten ninduten. Nik ezer gutxi egin orduko, begirada zitalak zuzentzen zizkidaten. Ondoren etortzen zena, halaber, ez zen atseginagoa izaten; behin eta berriz errepikatzen zitzaidan amets gaizto hura. Haien ezpainetan osatzen zen "ZU!" beldurgarriak eztarria korapilatzen zidan. "ZU KALERA!" ozena zetorkidan behin eta berriz. Bigarren ilarako mahaian eserita egon arren, ate aldera ematen nuen pauso bakoitzeko nire mundu txiki hartako pieza bat erortzen zitzaidan lurrera, dena puzzle hauskor bat izango balitz bezala. Buru makur irteten nintzen, baina horrek ez zidan besteek nire kontura egindako trufa isila sentitzea eragozten. Ikasle txarra nintzela zioten, baina inoiz ez zidaten aukerarik eman. Eta nire pauso isilak korridoreetan barrena mugitzen ziren, atzean geratutako ikasleen barre eta ziriei jaramon zipitzik ere egin gabe. Ikastolan neu nintzen azkeneko mamu gorria;ez nuen lagunik izan sekula eta eskola berrira pasatu nintzenean okerrago izan zen. Ikusi bezain laster, gelakide guztiek ezkerreko begiz hartu ninduten (nik ere ezin nituen haiek jasan, baina ni bat nintzen eta haiek asko). Makinatxo bat bider joana naiz etxera ubelunez belztuta, baita odolez makilaturik ere. (Noski, makilaturik edo margoturik ez dakit, baina, makilakadak hartuta bai behintzat). Gurasoek, honen aurrean, ez zuten ez mutik ez zirkinik egiten. Horiek haurren arteko "adineko borrokatxoak" zirela esan ohi zuten eta ez ziren ohartu nire estuasunaz, egin nuena jazo zitzaien arte. Ordura arte sarri jaso ohi nituen bezalako jipoi bat kobratu ondoren, etxera joan eta inor ez zegoela ikustean, aiztoa hartu nuen eskuartean. Inoiz ez dut berriz halako esperientziarik izan. Bihotzaren taupadak gorputzeko kokagune bakoitzean nabari nituen baina gehien eskumuturrean. Aiztoa bertara zuzendu nuen zainak mozteko asmoz baina ez neukan indarrik eta eskuetatik ihes egin zidan. Izerdi patsetan nengoen eta zer egin ez nekiela, amaren logelara joan eta kaxoitik zapi ilun bat hartu nuen, begiak estaltzeko. Bigarren aldiz saiatu nintzen, zapia begien inguruan nuelarik, izua aldenduko zitzaidalakoan, baina, ez zen hala izan. Gurasoen urratsak entzun nituenean bakarrik erreakzionatu nuen. Eskua dardaraz hasi zitzaidan eta begirada lanbrotuak ez zidan eskumuturra erakutsi nahi. Itsu-itsuan, jesus amen esan orduko, zast! zainak ebaki nituen. Normala denez, ez dut ezer gehiago gogoratzen, anbulantzia zaratatsua izan ezik, irudirik gabeko formak. Erizaindegian itzartu eta nire gelakide guztiak bertan ikusteak, bihotzari salto bat eragin zion, aurpegia zeharo aldatuz. Gelakide guztien begiradak ni nentzan oherantz zuzentzen ziren eta behingoz, denen arreta neureganatzea lortu nuen. Errukiz begiratzen zidaten eta nik, bitartean nire –aspaldidanik entseiatu gabeko– irrifarrik zabalena eskaintzen nien. Lau horma zuri haien artean egoteak ez ninduen batere alaitzen are gutxiago kable eta makina haiek inguruan nituelarik. Egunak eta gauak igarotzen nituen egindakoaren azterketa sakona egiten, buruan mareatu arteko jira-birak emanez. Egoera hura ezingo nuela gainditu iruditzen zitzaidan, eta lotsa sentitzen nuen nire gurasoen aurrean. Baina mundua buru gainera eroriko zitzaidala uste nuenean Mirari agertu zitzaidan. ("Nor da Mirari hori?" pentsatuko duzue...) Ba... Mirari erizaindegiko gelakidetzat nuen Imanolen arreba zen, ordura arte inoiz ikusitako pertsonarik alai eta biziena. Egunero-egunero bere presentziaz betetzen zigun gela, piper,gatz eta azukre nahasketa bat hedatuz gelaren azalera osoan. Lehenengo aldiz ikusi nuenean, mututurik gelditu nintzen, ahoa memelo baten antzera zabal-zabalik nuela. Bere begietan zuen bizipoza kutsakorra zen; irrifar goxoak gaztetu egiten zion eguzkiaren distira bezainbesteko argia isurtzen zuen aurpegi alaia. Anaia loak hartzen zuenean, bere ondoan egoten zen liburu bat irakurtzen. Orduak eta orduak pasatzen nituen, konturatu ere egin gabe, bere mugimenduak aztertzen, zer esan jakin gabe. Goizetan, Mirari ikusteko irrikiak goizago esnarazten ninduen. Imanolengandik jakin ahal izan nuenez, Mirarik ez zuen senargairik, eta nire buruak beregana nola hurbildu beste arazorik ez zerabilen, bere gogameneko igarobideetan barrena. Azkenean heldu zitzaidan aukera: bere urtebetetze eguna zela eta erizaindegiko lorategitik ostutako loreak eskaini nizkion, lau arrosa gorri. Bai zoriontsu egin ninduela eskertzeko eman zidan musu hark! Bizitza berri bati ekingo niola sinestu nuen bete-betean. Hurrengo egunean, Mirari erizaindegira iritsi aurretik berriz lorategira ihes egin nuen hain gogoko zituen arrosa gehiagoren bila, ordainez beste musuren bat jasoko nuen esperoan. Baina bizitzak nahi duenean petrala izaten ere badaki eta... Itzalean nengoen bitartean etorri zen Mirari, baina ez zetorren bakarrik, motorrean zekarren mutil batek. Mirariren barre algarak iristen ziren nire entzumenetara, beti bezain alai, eta baita bere ahots leuna ere, beti bezain goxoa, txoriei buruzko hizketaldian. Belarriak zorroztu nituen orduan, bere bizitzaz zertxobait gehiago ikastekotan, eta gutxien espero nuena jazo zen. Nitaz hitz egiten ari zen larruzko txaketaz jantzitako tipo harekin! Mirariren algarak nire kontura eginikoak ziren, lumatu gabeko txorikumeak loreak oparitu zizkiola eta! Mirari bakar bat gertatu zait bizitza nekagarri honetan eta bera ustelduta zegoen barrualdetik. Orduak eta orduak pasa behar izan nituen nire barneko tristura guztiak kanporatzeko eta azkenik, heldu zen berriz etxera itzultzeko garaia. Zuriz mozorrotutako etxe izugarri hartatik atera nintzenerako, dena bere normaltasunera itzulia zegoen. Gelakideek jarrera berbera azaltzen zuten nirekiko nahiz eta lagunen bat edo beste hurbildu galdera batzuk egitearren. Jakin nuen, derrigortuta joanak zirela ni bisitatzera eta barre egiten zidaten ni ikustearren joan zirela uste izateagatik. Indartsuenek ni jipoitzen segitzen zuten eta ni ez nintzen haien sakeak errestatzeko gai (bazirudien denek Mikel Goñik besteko abiadura eta indarra zutela sakea ateratzerakoan). Gurasoek, berriz, ildo beretik jarraitzen zuten, lehengo lepotik zuten burua. Hobeto zaintzen nindutela uste zuten, baina dena lehen bezala zegoen. Egun batez, bizikletaz eskolara nindoan batean, bigarren mailako ume bat parean gurutzatu zitzaidan, eta istripua ezinbestekoa izan zen. Aurpegiaz lurra jo eta sudurretik odola zerion. Zer egin ez nekiela gelditu nintzen. Bitartean, txikia masailak lehertu beharrean negarrez ari zen. Ni jipoitzen ninduteneko irudia etortzen zitzaidan behin eta berriro burura. Zenbat ukabilkada, zenbat ostiko hartu behar izan nituen isil-isilik, umekeriak zirela eta. Nire sudurrak ederto zenbatuak zituen gelako liskar altxatzaile haiek atzaparretan zenbat hatz zeuzkaten. Barrena irakiten jarri zitzaidan. Lehenengo ostikoa eman nionean ez nintzen konturatu zertan ari nintzen, bere lagunak garrasika hasi ziren arte. Ingurura begiratu eta beldurra ikusi nien ume haiei begiratuan. Han ez zegoen iseka eta barrerik. Ni nintzen han indartsuena eta hori gustuko nuen. Bigarren ostikoa, nire hezurrak mami bihurtu arte jipoitzen ninduten haientzat izan zen; nire gurasoentzat, behin eta berriz zigortzen ninduten irakasleentzat... Hiruzpalau ostiko gehiago eman nizkion, nagusiak gerturatzen hasi ziren arte. Egindakoagatik ez nuen atarramendu txarrik jasan behar izan. Erraz libratu nintzen zigorrik jaso gabe, baina ez zen hala gertatu nire barruan piztu zitzaidan irriki berri harekin. Su hark, barrena irakiten jarri eta indar berri batez betetzen zidan gorputzean sentitzen nuen hutsunea. Nire menpekoak zeintzuk ziren bereizten bai azkar ikasi nuela! Oilo busti haien begietan ikusten nuen beldurrak eta euren negar barregarriek nire barneko arrangura errotuari ura irrigatzen zioten, gorroto itsu bihurtu arte. Haien izuaz elikatzen nintzen. Izu-ikara sakratuaren aurrean hazi egiten nintzen. Ez zen hilabete bat pasatuko, eskolan zegoen "makarra" tankerako mutil anker hura droga eskainiz etorri zitzaidanean. Entzuna zuen ematen zizkidaten jipoien berri, baita nik eginiko ekintzen berri ere. Tipo hark, ondo baino hobeto zekien ezingo niola hauts zurixka hari uko egin. Mundu hilkorrari ihes egingo niolakoan, egunero-egunero erosten nion sobretxo bat, gutxienez. Alderatzen zenean, nire eginkizunetan jarraitzen nuen. Inork ez zuen ezer susmatu. Gero eta zorrotzagoa nintzen jendearekin eta nire jenioa biziagotu egin zen. Hasieran, dirua behar nuenean gurasoei lapurtzen nien baina gerora, diru eskaera emendatzean, beste diru iturri batzuk aurkitu nituen, izan ere, munduan makal ugari baitago. Biderik errazena banketxetik irteten ziren aiton-amonak izaten ziren; konturatu orduko haien karteren jabe egiten nintzen. Unibertsitateko lehenengo egunetan gelakide guztiak aztertzen aritu nintzen. Bat edo beste liskar altxatzaileak baziren ere, jadanik era horretako asunek ez zidaten hazkurarik ematen. Txikitako makal planta hura atzean utzi nuenetik, jendearen begirada nigana zuzentzen zenean apalagoa izaten zen. Birritan pentsatu behar izaten zuten niri hitz erditxo bat zuzendu aurretik; nire larruzko jakako ezkerreko sakelan eramaten nuen hamazazpi zentimetrotako labana ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Nire gainontzeko itxura ere itzela zen: kaskarra zerora moztuta, nire zaharraren bihotzaren kaltetan bi belarritako eskuineko belarrian eta beste bi sudurrean eta, nola ez, kendu ere egiten ez nituen koadrodun prakak. Unibertsitateko pasilloetan ibiltzen nintzen istilu bila, liskar altxatzaile bihurtu nintzen neu ere. Niretzat lanean jarri nituen zenbait kankailu; hain zen erraza haiei nire aginduak betearaztea... Nire oinaze guztia barneraturik, lege guztiak irensteko prest, bizitzari iseka eginaz bizitzea nuen jomuga. Horrezaz gain, dena ondo zihoakidan, droga pasatzen zidanak istripu bat izan zuen arte. Auto batek jo eta hila suertatu zen. Ezin nintzen nire droga gabe gelditu eta hau uzteak eragina izan zuen nigan. Okerrena eragin hau ez zela onerako izan. Hasieran infernuko suaz gorituta nuen bihotza eta baita gorputza ere. Drogaren menpekotasuna gainditu nuenean, jendeari min egiteko grina hedatu egin zen nire burmuinean. Zuzendariak nire ibileren berri entzun zuenean, bere bulegora deitu eta Unibertsitatean ni bezalakorik ez zutela onartzen esan ondoren pasaportea eman zidan, delinkuente soila izango banintz bezala... bulego bat izateak ni baino boteretsuago egiten zuelakoan... Hurrengo astean zakarrontzian istripuz eroritako zigarro lipar batek su hartu eta bulego dotorea kiskali zitzaionean apika ez zuen berdin pentsatuko; ez eta bere Renault beltza beste kolore batzuen konbinaketaz apaindu nionean. Ondo baino hobeto jakinarazi nion nor nintzen ni. Etorkizunaren lokarria galdurik, gizatasunik gabeko presentzia bihurtu nintzen. Etxe huts zaharkitu batera alde egin nuen, nire zaharren aurpegi luzeak berriz ikusi beharrik ez izateko. Nazkatuta nengoen haien betiereko kexuekin , haien beranduko arduratu itxura hutsalekin eta jadanik haien jarduna gehiago entzun beharrik ez nuenez, etxeko bazterretan aurkitutako diru eta baliozko objektu guztiak eraman nituen neurekin. Denboraren poderioz, nire makurkeriak gero eta ausartagoak egiten ziren. Egin ahalak egin arren, ez ninduten inoiz harrapatzen eta gero eta indartsuago sentitzen nuen neure burua. Merke saltzen nuen nik bizitza. Eskolako umeei drogak saltzeari ere ekin nion eta gainera, berdin izaten zitzaidan haien adina, nik ongi ezagutzen bainuen krudela izateak ez duela adinik; niretzat, objektuak besterik ez ziren deabrutxo haiek. Erruki hitza nire hiztegitik ezabatua nuen aspalditik. Dendetan lapurretan egitera behartzen nituen aitatxoren umetxoak eta behin baino gehiagotan salatu nituen hartan ari zirela, gizon handi haien ohore puztua nola husten zen ikusteko. Haietako bat izan zen nire irakasle ohi baten semea: irrati bat osten harrapatu zuten eta etxean, bereak ez ziren beste hainbat gauza aurkitu zizkioten. Mendekua garratza izan ohi da; historiako irakaslearentzat bederen istorio tamalgarria, larrutik nozitu baitzituen hark lotsa eta porrota. Lapurtu, haurrak zauritu, drogak saldu... zer ez ote nuen egin? Baina niretzat ez zen aski. Legearen muga guztiak zeharkatu nahi nituen. Legearen muga guztiak hautsi nahi nituen, hauen esparrua zabaldu. Zikilu saltsa besterik ez ziren izan ordura artekoak. Sena joanda bezala nengoen, begiak erne, zerbaiten zai. Eta azkenean zeruaren erantzuna izango balitz bezala iritsi zitzaidan zerbait hori. Gau batez, ardoak itzala egiten zidan batean, trenbidean zehar aurrez betetakoa hustera abiatu nintzen, han inguruan paseatzen zebilen emakumeak ezagutu egingo ninduela aurrez susmatu gabe. Gelditu eta arreta handiz begira-begira egon ondoren, garrasika hasi zen inguruko jendeari laguntza eskatuz. Nik, badaezpada, hanka jokoa erakutsi nion, ez bainintzen ezkerreko sakelan gorderik nuen labana ateratzeko gai sentitzen. Baina emakume setatia ez zegoen ni joatearen alde eta nire atzetik segika zetorren, itzal ilun baten antzera. Trenbidetik irten nintzen errepidea gurutzatuz. Mirakulua izan zen une horretan nigana zuzen-zuzen zetorren autobusak ni ez zapaltzea; berak ez zuen zorte bera izan, ordea. Herioren, igitaidun zaharraren, itzal hotza, atzean, hain gertutik sentitzea bizigarria egin zitzaidan; ni hilezkorra nintzelako burutazioa sortu zitzaidan kaskezurrean. Nire larruzko txaketa beltzeko poltsikoan pistola erabiltzen hasi nintzen, pistolak hamazazpi zentimetrotako labanak baino errespetu handiagoa ematen baitu. Nire ausardia amaigabea zen; sarri ateratzen nuen pistola. Besteen beldurraz elikatzeaz gozatzen nuen, drakularen antzera, haien odola edanez... Jendearen aurpegikeretan marrazten zen izuak boteretsu egiten ninduen, eta azkenean nire handiusteak galdu ninduen. Tabernari bat garbitu nuen bezero guztien aurrean, oihu eta garrasi artean. Azkarra nintzela uste izan nuen, nire pistola indartsua zela, baina ertzainen eskuetan erori nintzen, atxilotu egin ninduten; argia nintzela uste izan nuen, baina juezak hogei urteko kartzela zigorra ezarri zidan; indartsua nintzela uste izan nuen baina kartzelan pairatutako torturek bizitzaren gogortasunak ni ere barne hartzen ninduela erakutsi zidan. Hamar urte pasa nituen ilunpetan, eguzkiaren argia berriz ikusi orduko. Pareta beltz haien orroa mutua, haien irudi zehatza, nire erraietan gelditu zen betiko itsatsirik; hasiera-hasieratik argi utzi zidaten han indartsuena ni ez nintzena. Bizitzaren mugak ebidentziaren aurrean ikusten dira, eta kartzelak erakutsi zidan iheskortasuna zela nire izatearen funtsa. Izerdi hotzez, lau paretei loturik, gatibuan igaro nuen hamar urte haietako egun bakoitza. Oso mantso joan ziren urte haiek niretzat, baina irten nintzenerako, jendea kaltetzeko gogoak ospa egina zidan. Berriro kartzelara joatearen ideia ez zen batere tentagarria eta bizitza berri bat eratu nahi nuen, nire burua kausitu. Baina nire bizitzaren kaosetik jauzi batez irtetea nahi izan banuen ere,kalean, denek, aurpegikera arraroz begiratzen ninduten, urteetako Sufrimenduaren kiratsa nire gorputzari atxikirik balego bezala. Ezkontza kontuak ere erabili nituen buruan jiraka, baina, nor ezkonduko zen ni bezalako tipo nardagarri batekin? Mundu gizatiar soilak mundu ilunaren sakonera baztertzen ninduen. Bestalde, ideia honek hotzikara sortu eta zeharo tristatzen ninduenez, Ameriketara etortzea erabaki nuen. Bakar-bakarrik bizi izan nituen ondorengo hogei urteak, mendiko etxola zaharkitu batean, lurreko arazoez at, naturaren putzu sakonean nire zatiezinezko sumina ito nahian, nire burua aurkitu nahian, nire mundu hutsala galdutako paraje hartan ezkutatu nahian. Hasieran pozik bizi nintzen inoren kexuak entzun gabe, baina asper-asper egin nintzen etxolako isiltasunaz eta nire barnean ernaldutako harraren kurruskak entzuteaz. Bakardadearen bakardadeak eraginda noraezean nenbilen, tristura eta sufrimenduak goitikatu nahian. Jadanik jasangaitza egin zitzaidan isiltasunean murgildutako isiltasunak oihukatutako hitz isilak, isiltasunean galdutako zurrumurruak... Gabean ez ninduen loak hartzen. Hain zen handia nahiaren oinazea... Honen aurrean hiriratzea pentsatu nuen eta hemen ikusten nauzue zaharren egoitza horietako batean (beno, ez nauzue ikusten baina imajina nazakezue, ezta? ). Ez da arrunta izan ohi hain gazterik egoitza batean egotea, baina inork ez zidan ezetzik eman eta nire zerupeko aldi kaxkarrari azken puntua bertan jarriko niola erabaki nuen. Orain badakit bizi eder bat alferrik galdu dudala. Hala ere, nik honela bukatzea beste batzuen errua izan da nirea baino gehiago, egin dudan guztia burutzera ingurukoek bultzatu bainaute. Nork daki, apika, guraso ezberdinak izan banitu munduko gizakirik zoriontsuena izango nintekeen. Agian... hau ez da ustea besterik (Usteak erdi ustel), baina nire bizitza irtenbide bakarreko pasabidea izan da eta ez dut beste ezein ihesbiderekin topo egin. Nork alda dezake patua? Egoera honi aurre egiteko kemena izan beharko dut gelditzen zaizkidan urte apurretan. Inorengatik zapata gutxi urratu baditut ere,hemen lagunen bat egitea espero dut, neure azken finean lagunak izan ditudalako poztasun izpi batekin hil nadin. Udagorriko arrastiri hartako urtegiratzea ortotsak lagun edo Euritan blaituriko ur-belarretan Vicente Gil de Paules Balda 2000ko uztailaren 19a Sandinisten (FSLN) garaipenaren hogoita batgarren urtemuga. “Viva Nicaragua Libre!” Hi baizikan ez? Tta!1 Ttattiko! Tirrit! Hi eta kitto? Bai, zotza! Bai bost! Hi eta bertze ezein ez? Ezta pentsatu ere! Hala? Ezta hurrik eman ere? Hala? Baia?2 Bai, zera! Hi eta haiek, hi eta zuek, eta batzuetan ni neure buruarekin baizikan ez. Hain maitagarri baitzarete, bai alajaina! Pott, pa, ma, matto eta bixiko.3 Euskaltegien azkeneko bestatik heldu nuxu. Ikusi ditut! Baiki,4 bertan zituxun, bi-biak, bi-biak elkarrekin nahiz zein bere aldetik. Izenak Ane eta Ibabe. Ibabe titi-agerika -salbu ilunabarrean freskatu duenean- eta Ane goikoa jauntzia, baina goikoa ene gustukoa zenez - halako bi triangeluak harat-honak higitzen diren horietarik-, bada xarmanki zela erraiten ahal dixut. Anitz jan dixie; gustatu dixie ahate konfita eta anana-mazurez5 eginikako dexerta zerbait; saiatu dixie arnoa, garagarjusa eta Xiberuko ura, erran nahi baita, sagar-likorea; eta dantzatu dituxu; dantzatu dixie jota, merenge eta rocka, vals, pasodoble eta chotis, lotuak zein aske. Deliziusak, bi-biak! Ene gogoko guziz! Aski gorribelzturik itzuli dituxu etxerat; Alde Zaharrean, haien kolorea! Hortzen zuria! Begien distiranta! Ibabek bikiniaren goialdea orduantxe dixu zinez jauntzi, Anek topa zixun jauntzia. Irri galant parrasta bat egin dixugu elkarrekin. Ni honen zoriontsu nintzen, ez bainintzen triste egoiten ahal. Ez ahal! Haiekin? Triste ez, kezkatua, arduratua edo bai, baina triste ez hain maite baititut. Nik haiek bezain maite haiek ni banin- dute! Baiki, tumatxa! Eta aski kontent nuxu etxeratu, haiek gogoan, haiek bihotzean -hor min nixun-, txotxoa zut, ondoan iragaiten zitzaidan zernahi gustuko neskari irriñoz so. Ameslari, honen bertze urte troinuan eta oraino ameslari, XIX. mendeko ameslari. “Agian sarri ikusiren ditut!” Sagar has, izan ere, titi has dira. Bikiniaren kuleroa baizik ez eta zangoen gainean. Hala. Hala ostatuko jendartean haizu baita. Han barnago eta hobe, hobe ni haien gibelean bainoa eta biziki maite dut udan haiekin hala jendartean ibiltzea, eta haiek badakite arras ontsa non sartu diren. Egarri gara eta garagarjus zerbait erosi nahi dugu. Zorionez eguzkistatua, lorietan, uros, deskantxuan biziki nabil. Baiki, enetxook. Exhibizionista izaitea bestaren antolatzea da. Exhibizionistak jendeari besta adelatu behar dio, irri eragin, poz, xarma, solas “Biba hi!”, “Lohi hori!”, “Biba hi, lohi hori!”... Gogoa, zubi. —I— Udamineko egun batez banuen fantasia batto, orduko ene gutizia minena... “Hemen, ekigorritan izerditsu ari direnetarik zeinek ote nau maiteko?... Hemen, ostatuan titi-agerika sartuta ari direnetarik zeinek ote nau gogatuko?... Begiz jotzekoez baduk zapart,6 emeske7 ibiltzekorik ihaurri. Izan ere, bai baita neska-puskarik franko, neska-katxarrorik asko eta laño, zapore ona baitukete orok, ukan, lurrina goxo baitute. “Baziakit gauzak ez direla egunetik biharrerat aldatzen, baina... Zernahi gisaz, deskantxuan nuk inguruka hamaika neska gisako, agrados eta plantako baita (zenbait eskualduntsa). Berauen arteko baten bat gogatuko, horretaz ez diat den gutieneko arrenkurarik. “Oi, baiki! Kutx-kutx, ttipirrin8 erraitea nahiko diat eta ni maitekiro guziz menpe, guziz gogalgin joanen natzaizue potikoka9 zernahiren milikatzerat, xoko-moko ororen txestatzerat; zartagina zaharra bezain gormanta10 ukanen nazue, urde ahari galant11 hauek, eta ni joan eginen nuk zuengana biga-bostetan ase ezinez mirllakatzerat eta zuen teixutzerat12, eta Orizue mama goxoa, aketzok!...Arras ontsa!... Horrela!... Irents!... Irents! Hala!... Bai!... Horrelaxe!... Guzia irentsi? Baiki! Eta ederki dakizue ahizuriaren isuriaraz eta ahorarazten!... Tumatxa!” Gisa horretakoak nerabiltzan gogoan bihotzetik bero noiz eta ere euskaltegiko bi laguntsa hurbildu baitzitzizkidan. -Adio! -Adio... -Ane eta Ibabe. Oroit? -zein ziren bai, baina izenez ez eta neskek merezi zuten, itxuroso agertu behar. -Egia! Izenak ahantziak nitinan. Barkatu. -Ez duk pekatu. Paregabe! Haien arribatzearekin errealitateak beretuko ninduen, baita ferekatuko ere. Ibabe sagar-agerika zen -sagartzar-agerika neska aski guri baita-, halako moltsaño zapala sagarren artean dindilizka. Ane jeanmotxak soinean, antxume13 eta ezker orkatilekoa zilar distirantezko. Ene aldetiko begitarte osoa izan zuten. Neska xarmangarriak nituen, sekula izan badira. Tar-tar-tar ari izan ginen ostatuko freskuran, dzanga-dzanga, haiek garagarjusa, nik panaxea. Anartean, atunek adinako begi larriak zabalduz miresten ari nituen, ez baitira entrabaleko urruxunak14. Aspaldiko parteko urostarzuna! -Hik zabaltza baduk, ezta, txotxito?15 -Txotxito! Bai, polita! Hala erran didan! -tutulu16 ote nintzena? Peio akaso? Nerabe pito ote? Debrua!- Zera... baiki. -Noiz gonbidatuko? Ala norbaitekin bizi haiz. -Ez, bakarrik bizi nun. Bertzenaz ere... -Etxaiderik ez, arren17. -Ez. Bakar-bakarrik nun bizi, eta abantzuño nolanahi. -Ederki, txotxo. -Txotxo! Orai, txotxo! Tumatxa! -peio ez, baina tutulu bai. -Nahi duka orai joan? -Orai? -Bo, seiak pasatxo dituk; ziuraski, han orai goxo duk. -Bo... bai... egia dun. -Jauntzi eta joanen? -Ontsa... -Autorik bai? -Ez... -Guk bai: berea. -Tira... -Gisa honetan ere gituk han izanen. -Bo, nik orai ez baina han sagarrak agertuko... -haiek harroara- ziz seinalatu egin zizkidan. -Eta nik zangartea, aratz diat guziz... - harat-honat so eta kuleroaren aitzinaldea pixkirrin batez behititurik, bilo mikorik ez, aratz-aratz. Neska deminioa! Horrek izigarri irakiarazi zizkidan hunak, eta zer erranik ez odola. Berau, gori-gori; ilenti sutua... Beronen suaz zeinahi ohar zitekeen, ori. -Ene, neskok! Goazen, arren! Beharrik baginen aitzinetik elkarrekin solastatuak, euskaltegien azkeneko bestan, arramaiatzean, igeri-lekuan, bertzenaz, tta!, bertzenaz ez dut uste atarramendu handirik ukanen nuen; alta, alorra landua zen eta neskak biziki jator, arras jendekoi, guziz adeitsu, ezinago maitagarri. Xerka ari baitziren. Gaitz erdi! -Laket? -Ontsa.18 -Onduko, arren? -Onduko ez dut, ba! — II — Halakoaren nahi gorria bainuen, entseiatu nintzen, senperrenak egin nituen eta hantxe nintzen, harraskan ipurdia sartua, xaboidun ur epela sabeleraino, odola areago irakiten ari, haien beharrean, haien osoki beharrean. Hunak -oi, hunak!- asmoez zapartatu beharrean. Demontre! Atsegin bat gaitzak gaxokatu19 gintuen haiek xaboia kendua txo-txo-iztersaguei ekinez eta ni haien aldetik zernahi bilduz. Txotxotik-iztersaguetarik ez ezik, pikostetik ere ari izan ziren sendo. Haien sakea! Mauka-mauka, ezpain, mihi eta guzi. Hala, eta titiztatu20 ere egin ninduten. Ene ametsa ziren. Haienganako maitasun handienaz gainditua21 nintzen. Kanpoan Jainko ttipia22 zebilen. Haien aldi. Zabaltzarat atera, etzangian elkarrekin ezarri eta orotarik egiterat utzi ninduten. Pareko zabaltzan halako lagunartea bazegoen; tarteko neska bat, bikiniaren bularretakoa soinean, so zen, so zitzai- gukeen... “Harat harako urdangaño horiek eta beren ordotsa. Urdangak sagar-agerika eta, ziuraski, pikarrai, baita apotea ere, baina hemendik ezin haboro ikus. Neskak jarri edo etzan bide ditun eta morroiak txotxoa ekainiko txotxontzi horiei, edo, heldubada, haiek hari usoa eskainiko nahikara milika diezaien. Lohiak halakoak!” Gostu-gostuan harako neska hura pareko zabaltzatik guri soz ele horiek oro gogoan. Funtsean ez ginen interneten, ez bideoan, ezta ezein aldizkaritan ere. Pare-parean gintzaizkion, bizi-bizirik, berebiziko xanfartaren23 baitan pulunpaturik, izerdi-trenpan, net ekiztaturik eta gogo onez ari gintzaizkion elkarri, ari ere. Zangotan24 para nendin nahi eta halaxe nuen egin; zankaparka25 ere nahi, eta gogotsu obratu. Amoros nituen guziz. Miresten ari nituen, balios, delizius nituen beren horretan, erran nahi baita, oro eskuragarri, oro gogalgin. -Gostuan, zankako bat ona edanen nuke! Txiza egin zezaten nahi. Urtxuria nahi. Nolaz behar zuten askatu beren burua eta hala eginez nolaz behar ziren gozatu ikusi nahi eta harat han gernu beroa zirrikituei iheska. Oi!... Hauta bi-biak! Xarmanki26 ari laztanak! Eta etzanak txiza nolaz ari zitzaien eskapatzen senditzen ari zireino, titimokoei lotu nintzaien, zutagotu zitzaien, nehongo arazorik gabe ibili nituen. Lau-laurak airos, ezpainetaragarri, mihiragarri, ttuztagarri. Gostuan eginen nien nik txiza, baina “Hurrengoan, txo!...”. Hurrengoan, ori, eta hurrengo hori ere ez bide zitzaigun nolanahiko agtuko. Anartean, txizatan ziren oraino, taigabeko iduri zuen; ez zen estonatzeko ur-garagarjusak27 ausarki edanak baitziren. Nahi nuen ametsetan bezala sendi zitezen, ametsetan bezain aske, beren eskuko eta txiza eskapa zekien, eta ohartuagatik, atxik ez zezaten, aitzitik, kontua polita iduri eta segi zezaten, ttinka bat bera ere geldi ez zekien arte, hain justuki. Eta ni beha, estonatua guziz, maitemindua guziz, ferekatuz haien larru goxo guri belloaren haztatzeko irrikaz, masailen hantxe ezartzeko irrikaz, haien gainean paratzekoaz. Anartean, txotxoa zut-zuta, gogor, sentibera, iztersaguak hustutzekotan, berauetan hatzak. Neska politak musua itzulia. Pixkirrin batez. Ixil-ixila nonbait hura baizik ez baitzen handik soz. Txiza egin baikoz, gainezka egin zuten28; gainez eginik, lo seko eta nik pareko neskari beha idiarena, harendako, hura eni soz, begietsiz parte hartu nahian, eta ez zirudien so egitetik kantitu behar zenik. Zorionez! Maite ukan nuen haren honat beha egon izana, haren ikusi nahikeria ahalkegabea. Baiki, izan ere, zirraragarriago da biluzgorritarzuna edo larrutan ari izaitea gostuko norbait beha baldin bada. Bai, alajaina. Biluzgorriak edo larrujoileak ageri-agerian, baita behazaleak ere. Zelako neskak atseginez ari ninduen betetzen. Ba ote zena negugorrian biluzgorritu eta pirripitaz hotzak hotz karrikaz karrika ibili zen neska? Irrati libreak proposamena plazaratu eta delako neska lotu zitzaion harik eta denbora luzean harat-hunat korritua polizia agertu eta halako burusia gaineratu zitzaion arte. Exhibizionista balitz! Urtegirat bidean, aldapari goiti agertuko balitzait, edota parkeren batean ekigorriak zinez dzinkatzen duen orenean. Izigarri xarmatuko ninduke. Ontsa jan, ontsa edan, lagunei ekitakoa zabaldu eta barnerat joan nintzen, akiturik, losuz, etzan beharrean. Neure buruarekin zinez ontsa. Bazen, izan, gozaldiez zapart, izan, bazen atseginez ihaurri. Pareko neskak eta laurok haien puska sendituak ginen. Ez zen azken aldia izanen. Ez. Ez, ezen handik egun gutirat... — III — Albait arinen abiatu ginen, zirt edo zart, erauntsiak29 atzemanen bagintuen. -Hauxe gogoa! -Eginen? -Bikinia soineratu eta bertan gituk han. -Ontsa. Bertan ziren hemen eta hirurok bertan30 ginen han. Euria zekarren zinez. Zerua edder zen: hodeiak gainean genituen. Ordua arte gisa horretako mement txiki31 ukana nintzen biziki; hortakotz, orduko hura erogarri zitzaidan, izan ere. Ezen gogozko bi neskarekin bainindoan urtegiari buruz han euritan blai pikarraitu eta bainatzerat. Zinez kilikagarri! Lotsa ginen urtegirat aitzin hasi eta urtegirat orduko bara. Alta, hasi ez eta gu kontent. Trenpu ezinago on, pausua zale, harat han gu aldapari goiti, zerua ilun, mundua beheiti. -Nolatan, ba, orai harat buruz izigarriko erauntsia dakar eta? - autoraino titi-agerika, zakua bizkarrean, joanen zen ezagun batek galdegina. -Pitokeria, xarmanteko pitokeria. Badakin uda zeinen maite dudan, zeinen burutsu senditzen naizen... -... eta zeinen ero ere bai, horren kontent ibiltzen baihaiz, pitzatu32 hori. -Halaxe dun, maitea. -Bada, segi, segi ezazue eta ontsa busti. -Milesker anitz. -Deustaz. Zelako ezagunak bertze uda batean kondatu zidan udan exhibizionista ibiltzen zela, morroien aitzinean, eta tartean neskaren bat ere bazebilen hainbat hobe. Eguargitan egitekotz, mendian, errekan, piszinen ondoan eta abarretan, gauez egitekotz jende parrasta bat ibiltzen den lekuetan, hala nola, hiribarneko parkeetan, ostatuetan, karriketan eta abarretan eta beti ere bertze hiri edo herrialde batzuetan autoa hartuta. Horrek guziak xarmatu ninduen. “Hi ere bahaiteke exibizionista txotxo polita.” “Edo biok batean; hainbat gauza asma zezakenagu.” “Baiki, bina tamalez bihar banoak.” “Baia?” “Bai, bakantzatan eta lanean hasten banaiz, gelditu eginen nuk...” “Domaia.” “Bai.” Lagun zitekeen. Urtegirat arribatu ginen. Ane eta Ibabe oraino ez ziren pikarrai33, baina hobekien paratuak, erran nahi baita, zango pikarrai, zangogorri, zangoen gainean. Zorionez eguzkistatua nintzen eguzki zipitzik izaitekoz hodeiez haraindi zelarik ere. Lorietan nintzen! Ezin gehiago satifos! Han berean ginen, han berean oro pikarrai busti nahi; zipatu behar ginen, errotik blaitu. Horixe genuen nahi! Irrikan baikinen. -Badakika? -Anek haurra iduri. -Zer. Maite ninduela erran zidan, elkarri beha maite nindutela eta ontsalaz aski maiteko nindutela ere bai. Ez nintzen ametsetarik ari. Gaitz erdi! Oro egia zen: maiteño nituen bi neska xarmantekin nintzen, urtegian, euritan eta hirurok biluz golli-golli. Zer haboro urus34 senditzeko? Izanez ere, menstua bezala nintzen, pito edo tutulu, edo ñuku, pettux, sopikon eta kaskamelontzio35, baiki, honen bainintzen urus. Gisa batez, nerabe sendi nintzen, Angostoko36 gogo-jardunaldiean edo Lapuebla de Labarkako37 ikastaldian ari izan nintzen nerabe hau bezalaxe. Kiskun-kaskun baizik ez dut izkiriatuz zein mintzatuz agertzen ahal... Urus... Urus ninduten, eta horretan kito. Bertze orduz, abantzu aldikal kexu, samur, enuxu, muturbeltz bizi nintzen; aitzitik, neskok ezaguturik eta haien maitatzez, bertzelako naiz. Zeinen naizen lotua neskei! Nesken maitatzeari! Battoren baino habororen! Nolaz naizen aldatua. Geroago eta jendekoiago, bidaide, gogaide, partaide eta bazkide, etxaide, ohaide. Bakardadea hala goxo, goxo baita hala bakardadea. Kolpez hil behar izan banintz, futitu nintzatekeen, ez nukeen “Hauxe izan dea bizitzea? Bada, hauxe kaka!” edo gisako pentsatu, ori, izanez ere, honen goxoki nintzen. Hainbertzenarekin38, euria hasi eta handik llabur zipaturik ginen zinez ari baitzuen, egundo halakorik!, zinez, sekula bezain gostuan. Urak, udabetea bezain bero izanagatik, freskatu gintuen, larrua hain bero genuen. Horrat hor gu pozarren jauzi eta salto, irri eta oihu. Fuera arropa, fuera bikinia -nik barneko arroparik ez- eta harat han hirurok uretarat buruz bertan pulunpatuak zipatuak segitzeko asmotan. Neskak lasterka, zale eta lerden, pizkor. Aro gogorki hitsa, euri eta lurrin. Ez baikenuen bertzerik behar! -Ura epel dea? -Bai, epel-epel duk. -Nahi duanean. Pulunp eginik, alegeraki ibili ginen igeri, hegian beti ere zer gerta ere urtegia aski perilos baita. Lehorrean nehortxo ez, nehortxo ez baitzen baratu. Zeini burura halakorik? Ezeini ez. Zeini burura euria hasi behar eta urtegirat buruz abiatzea? Guhauri! Euri-lainoa nabarmena zen, freskagarri, ura bera baino are freskagarriago. Euria ezinbertzez egin behar zuen egun anitzez ekiak ongi dzdinkatua baitzuen. Lehorreratuak, goxo ginen, uros nintzen. Egin, egin zezala, segi zezala erruz, gogotik, goian-behean, zarra-zarra! “Alimalekoa!” Ordua arteko aroa arras ona, alafede, eta, baitezpada, erautsia noizbait ekarri behar, eta bazekarren, ekarri ere. “Bota! Bota egundokoa, to! Zipa gaitzak nahikara nahikara hartzen ari baihaugu guk! Blai! Oro blai! ez ater!” Belarretan etzan ginen; etzan ziren eta ni haien gainean. Metan ginen, lohitu. “Egon ala jardun?” Garbi zegoen: jardun behar, eta banindoan, joan. Amoroskeria eskaini nien. Elkarrenganako xera likitsa gure barneaz jabetu zen, ezari-ezarian, taigabe jabetu ere. Denbora aitzinerat joan eta egin ahala ari zuen, ezti eta fresko. Gure poza! Loria! Biluz golli-golli nintzen llaguntsa maite pikarraituekin hirurok urtegian blai. Ametsa! Llaguntsekin hala. Negurat gogotik biltzen naiz; alta, udarat, oi!, udarat gogotikago, harat, zinez gogotik: arropa guti edo bat ere ez, neskak antxume39 -neskek bai arropa guti, arras guti edo batto ere ez, to! Udan egun dorperik ez. Ez, ba. Euritsu bai ote? Ongi etorri euria, lur usaia eta freskura. Ttanttak sendituz askatua ere ari nintzen senditzen. Xoria bezain alegera, bake eta sosegu zoriontsuaz gainditua nintzen. Tarteka-marteka lagunei so egiten nien. Izan, ene bihotzeko berezi-berezi dira, iduri zinez sustagarri, grazia ezin prezatuzko. So ari nintzaien, ari. Larrujoile jarraiki, amorratuak ditut. Udaldian batek badaki zenbat aldiz egiten duten gainez. Hamaikatxo aldiz, ori. Ene gostuko nahiz bertze batzuek gostuko, ahal duten ororen gostuko, hobeki erran. Gutik egiten die muzin eta zaputz, hain baitira xalo, sotil, sinple, plazent, erakargarri eta maitagarri. “Ai, enetxook!” Loa ene hartzerat gogo onez utzi nuen; bere baitan ametsetan segitu. Lur hutsean ginen, baina horrek ez zuen muntarik. Halaxe nahi baikenuen, halaxe behar baitzuen. -Gose zaretea? -Ibabek betan belauniko emanik. -Ez. -Bo... -Hi? -Hurrana. Lekuak hustuko?40 Airatuko? -Bai. -Bai, egungo aski ukan dugu. -Arren, ox41. Ekiak ekiari42 aski izanak, tenore zen lekuak hustu genitzan eta hustu egin genituen oskiak soineratuak, arropak aldean, biluz-golli-golli. Autotik hurbil, haiek bikinia jauntzi zuten eta nik prakak. “Milatan zaituztet erremestiatzen43, neskok! Zernahi zoko-moko utzi nauzue ttuztatzerat. Karrikarat edo so egitetik baratzen ari ez zen pareko neska lagun.” Batzuetan pentsatzen dut lurrerat eror daitezkeela hil gogor eta halako hotzikarak nau inarrosten, hogenak44 bereganatzen. Hain ditut maite, halako lotsak45 zafratzen nau. Tatxarik gabeak direla izkiriatzen banu, gezurter eta pilardit46 nintzateke. Izanez ere, tatxa anitz baitute: Anek maite du izerdi-zurrustaka delarik uzkian hatzak ibili eta berauen usaina aditu, eta gustatu ere bai “Zapore gazia die”. Ibabe gostu-gostuan ibiltzen da etxean tsintsak pur-pur-pur47 marranta galantak atzemanez gero. A, zer oren gozoak haien ondoan pikarrai! Bake oso eta maitasun handia. Estonatzekoa48 da funtsean zein zoriontsu naizen, zein trankil dudan bihotza, sabela, hunak, zeinen kikildua dolorea. Haiei esker. Ametsetan sartu behar nintzateke, utzikeria polita litzateke biziki. Ametsetan sartu, kontzientzia guziz galdu eta kito. Haiek dolorerik ez ni ez bainintzatekeen izan edo haiek ez baitziratekeen. Eta hala akabo, fini, sortu izan ez banintz bezalaxe. Biribila litzateke, guziz. GIBEL-SOLASAK Banuen fantasia batto: udabihotzean, gogoko bi neska biluzle49 ezagutuko nuen, etxerat jinen ziren, pikarraituko50 ginen zabaltzan51, harraskan kokaraziko ninduten eta bertan ureztatuko, halako erauntsiagatik autoz urtegirat buruz abiatuko ginen, euritan blai pikarrai eta bainatuko, euria oraino eginen zueino belarretan etzanen ginen, gosetuko eta autorat itzuliko... Nekeza gertatuko zitzaidan, ezinezko, eta ezin sinetsia. Alta52... “Oraino eta luzaz irus53 izanen nuk. Hala biz!” 2000ko martxoaren 3a (1976koa54 gogoan) Erretratuak egiteko baino ez naiz bizi Josu Unzueta Nire erkideek behartua, hemen bizi naiz, herriko parkean, izarpean, lili eta zuhainez inguratua. Urteen joan-etorriarekin, txoko honetan gertatzen direnak buruz ikasi ditut. Begiak itxita, iretargia ikusten dut, ortzeko pristia izarjale hori, bere nabigazio gorrian. Belarriak zur, gauaren arnasa pausatua entzun ohi dut, eta haizearen ufakoa, hodei saldoak eta hegaberen hegaldia bulkatzen. Txirri-txirri eta ugaraxoen kantuekin lokartzen naiz, epertargiak lagun. Eta, sarri, ipar-lausoaren izara bustiak inguratzen nau, maitale isilaren antzean. Egunabarraren laztan epelak iratzarrita, beste egun baten taupada biziak igartzen ditut, gero eta ozenagoak. Laster, kaleargiak amatatuaz bat, herria hanka biko txindurriz beteko da, nor bere otapurren bila. Eta ni berton, talaian. Gizakiok, denboraren poderioz, zer bi baino ez ditugu metatzen: urteak eta antojuak. Apetak. Zahartu ahala, gainera, mania bihurtzen direnak. Bezeroaren aurrean burua apur bat apaltzeko jasa zuen zerbitzari hari gertatu zitzaiona legez: zaletasun hori keria bihurtu zitzaion, eta zahartzaroan makur-makur eginda ibiltzen zen, burua hankartean. Niri ere berdin. Lanbidez argazkilari izan naiz, eta orain, erretiroan, jendearen erretratuak egiteko baino ez naiz bizi. Begiratoki honetatik, barrez, ez dut kameraren beharrik inguruko gizakien argazkiak egiteko. Bai, nire begi zorrotzek laratro isilen antzean egiten dute behar, aurrean paretan denaren erradiografia egiteko. Begiratu batez, beldurrak eta grinak irakur ditzaket, hala gogoetak nola gomutak. Mundua ez da dirudiena. Seguru nago eskolan kontatu zizkigutenik asko ere guzur huts direla. Paradisuarena, esaterako. Nire kameraren begiak diostanez, hauxe jazo zen atsegin-baratz horretan: baldin inoiz paradisurik izan bada, beraren kukutzean, hasieraren hasieran, arbola bat zegoen. Sagarrondoa. Suge bat hurbildu zela, arbolaburutik gizaki batek egin zion berba: -Hartu egizu sagar bat, geben-fruitua da eta. Sugeak sagarra jan zuen, itxura ederrekoa baitzen. Harrezkero, sugeak paradisutik at bizi dira, eremu-basoetan, sastraka artean, eta galarazota dute fruituak jatea. Endemas gorrak dira, gizakiaren burubide galgarriak entzun ez ditzaten. Horrelakoxe guzurrekin bizi gara denok. Goizero nire aurretik pasetan zen gizona legez. Dendari umila izan arren, txakur-ametsak egiten zituen arratsaldero, parkeko jarleku baten jesarrita, denda itxitakoan. Txokor bat ezpain artean, ez zen konturatzen bere ametsak ahotik botatzen zuen kea bezain ezdeusak zirela. Egun baten, bere etorkizuna inoiz baino zoriontsuagoa zekusala, txokorra izetu eta auto zaharrera abiatu zen, negozio gizon batengana joatea deliberatuta. Ez dakit zenbat diru eskatuko zion, denda handitu eta txukuntzeko. Handik aurrerakoa, aldats beherea baino ez zen izango, jakina. Koittaduak ez zekien patuak beste zeozer prestatua ziola: kale-kantoi baten ostean negozio gizon horrek gidatzen zuen autoarekin egin zuen talka. Burdina artetik atera zuten dendariaren gorpu sakaildua, bere ametsak afrontuak eta euri-truixuak deseginda. Parkean bizi izanda, bertotik ikusten ditudanekin erretratu bilduma itzela egin nezake. Erretratu bakoitzaren barruan, endemas, mundu bat gordetzen da, sarri gurea baino bitxiagoa. Parke aurreko etxeetan bizi zen gazteari jazo zitzaiona, kasurako. Balkoian zegoen, eguzkitan, begiak itxita. Alboan zuen irratiaren musika goxoak kulunkatuta, erdi lo zegoen. Halako baten, ostera, musika eten eta ahots sakon bat entzun zuen, berari deika legez. “Txist! Txist! Bai, hi heu, itzartu hadi! Zer, bazkalondoko nagiak harrapatuta ala? Hara, musika ezti horren ostean nire txanda duk, gazte! Badakik zertan nabilen? Margoihal bat pintetan, horrexetan. Jakina, hagoen lekutik, irratiaren bestaldetik, ezin duk ezer ikusi, baina imajinatu egik margolana, zelan noan oihal zuriko ezerezetik unibertso bat sortzen. Lehen planoan, estatua bat. Honen atzean, zuhaitz batzuk, loratan. Bai, saiatu hadi imajinetan nire pintzela arin mugitzen. Oraintxe bertan uso bat pausatu duk estatuaren gainean, eta, badakik?, pintzelaren mugimendu bizkor batez harrapatuta geratu duk nire irudian, dagoeneko ezin dik alde egin. Bai, hasi haiz konturatzen, entzule hori, margolari berezi samarra nauk, abilezia arraro hori diat, errealitatea xurgatu egiten diat, nire margolanetara ekarri...” Gazteak, balkoiko etzaulkitik erdi jagita, irratiari begiratu zion, mesfidantzaz. Berba haiek, itxura, artegatu egiten zuten. Baina irratiko ahotsak bere berba jarioari ekin zion. “Tira, gazte, ez hadi larritu. Gura baduk, estatua oihaletik ezabatu egingo diat, horrela uso hori aske geratuko duk, nire margolanetik urrun. Hara, ikusten duk berriro ere hegan? Baina oraindino ez diat neure lana amaitu, ez. Atzealdeko etxe horiek pintatuko dizkiat. Azken pisuan andre bat zegok, lehortutako arropa batzen. Bai, esan diat oso arina naizela, dagoeneko nire oihalean zegok. Haren azpiko etxeko leihoak itxita zeudek, hutsik egongo ote? Eta... eta azpiko etxean, amigo, sentitzen diat esan beharra baina... azpiko etxe horretan heu hago, bai, heu, etzaleku horretan, irratiari harritu aurpegiaz begira. Dagoeneko nirea haiz!” Harrezkero ez dut etxe hartaruntz begiratu. Badakit pintoreak eroan zuela, besapean, oraindino pintura lehortu barik zuen margoihal hartan harrapatua. Neu ere parke honetan harrapatuta nagoen legetxe. Hementxe dago nire erbestea. Eta, erretiratuta egon arren, nire betiko beharrari lotzen natzaio, jendearen erretratuak egiteari, horrexetan egin nintzen ospetsu eta. Eurekin berba egin ez arren, halako adiskidantza daukat parkera etortzen diren batzuekin. Nire ondotxoan jesartzen dira, halako moduan ze euren bihotzen taupak nireak balira legez entzuten ditut. Gogokoen dudan horietako bat agure bibotezuri burunahastua da. Bere artean ibiltzen da, marmarrean, bere bizitzako gertaerak behin eta berriro gogoratuaz. Gehien errepikatzen duena bere anaia bikotxa desagertu zenekoa da, zortzi urte zituztela. Orduan hemendik urrun bizi ziren, menditzarren artean galdutako herritxo baten. Bertako etxeek lur azpitik hazitako troska ikaragarriak ziruditen, neurri eta itxura desberdineko leihoz josiak. Horrelako baten zegoen bere anaia, zeruari begira, azkenengoz ikusi zutenean. Leihoan dago anaia, hegan datorkion mitxelotari begira. Konturatu orduko haren atzean da, basoan, etxetik urrun. Mitxelotak, astigar baten abarretik, berba egin dio. ”Ni lehen izaki nazkagarria nintzen, itsusia. Orain, nire edertasunak liluratu eta etxetik jalgiarazi egin zaitu. Zu, berriz, orain txikia zara, azala fin-fina eta zimurrik gabea duzu. Ederra benetan zure begirada berdea! Baina aurpegi hori zimurrez beteko zaizu, ile beltz hori urdindu, esku leun horiek zakartu.Lepoa okertu, haginak jausi eta betazpiak han ditu egingo zaizkizu. Ez nazazu, bada, harrapa! Edertasuna ezin da koaderno batean orratz batez josita gorde.” Etxean ama negarrez da. Bere umetxoa ez da ageri, eta errekako putzuren baten itoa imajinatu du. Gaua heldu da, umerik ez. Goizean etxekoak eta inguruko auzoak ere haren bila irten dira. Errekan gora eta behera ibili dira, gero basoruntz jo dute. Lorratzik ez. Bitartean, beste etxe baten, beste ume bat, leihoan pausaturiko mitxelotaren ederraz maitemindu da, begirada berdea duen mitxelota liluragarriaz. Agure bibotezuriak modu berean kontatzen ditu beti gertaerak, jazo berriak balira legez, bere begi berdeetan bi mitxelota kaiolaturik.Neu ere gatibu. Aske nahi nuke, mendirik mendi. Baina ez. Hementxe ditut sustarrak. Astiro-astiro, eguzkia, ortzera jaurtitako suzko goronbil hori, hodeiertzeruntz abiatzen ari da. Parkea hutsituz doa. Han-hemen, gazte bikote bakan batzuk baino ez, zirri eta barre. Horientzat denborarik ez. Elkarren geografia miatzen dihardute, bihotzen taupada eroen mende. Haize gorria altxatu da. Haizeak, alegia zaharrak munduaren zurkulu batetik bestera eroaten dituzten txalanda horiek, nire adiskiderik kuttunenak bilakatu dira. Zenbat istorio ez dizkidate xuxurlatu! Haize gorri honek, esaterako, sarri kontatzen izan dit ipar-muturreko elezahar tristea. “Iparraldeko lurralde zabal hotzean -hasi ohi da haize gorria, bere ahots lakarraz- bertako lagunak gaitz larri baten beldur dira. Neguko gau luzeetan -han neguko eguzkiak ez du ia argitzen- etxeko ateari giltza eman, leihateak trangatu eta lotara belarri zuloak kotoiz estalita joan ohi dira. Kanpoan gauaren errege den Otso Zuriari diote beldur. Ez edozein otso zuriri, aldika agertzen den Otso Zuri Handiari baino. Gaueko anima bakartien lorra darama berarekin, eta ezin da inon geratu. Neguoro Iparraldeko lurralde guztia zeharkatzen du, pausatu ezin den hegabera baten antzera. Eta gauez haren ulu negartia entzuten duenak ez du berriro argiaren begia ikusiko. Alegiak dioenez, uluak badu ahalmen berezia lo dagoena ohetik altxarazi, etxetik atera eta iluntasunean betiko desagertarazteko, ametsetan entzuten ari den kantu liluragarriak erakarrita. Eta gau jakin batzuetan, Iparraldeko lurralde hotz hartan, ostargi-gorria ikusi ohi da ortzean. Otso Zuriak harrapatutakoen arimak dira, goialde hartatik beren etxetxoei begira, ohetik jalgiarazi zituen kantu liluragarriaren mendean dantzan.” Ez ote dago niretzat berarekin eroango nauen ulu magikorik? Zer bekatu egin dut, hemen egotera derrigortzen nauena? Ikuspegi berbera erretratatzera zigortutako argazkilaria naiz. Baliteke zorigogorrekoagoa izaterik? Zer maitasun eman diezadake kaiolaren askatasuna eskaintzen didan maitaleak? Ez, nik aske behar dut. Behin hegoaldeko haize zuriak kontatu zidan artzaintsaren istorioan legez, ez dago ni gatibatuko nauenik. “Hara -esan zidan haize zuriak, bere ahots eztiaz- zu jaio baino ehun bider ehun urte lehenago, Ararat zeritzan lurraldean, bazen sendi aberats bat seme bakarra zuena, Haffat izenekoa. Zer nahi, hura lortu. Horrela hazi zen, gosea edo estuasuna zer diren jakin gabe. Behin, mendi aldean zebilela, zarata bat entzun zuen. Lasterrera artzaintsa bat agertu zitzaion, bere artaldearekin. Hain zen ederra, ikusiaz bat maitearen minak harrapatu zuen. -Nor zara, ederrenetan ederrena? Neskatoa, mutila ikustean, gorritu egin zen. -Ikusten duzu, jauna, artzaintsa bat besterik ez. -Zure ardi guztiak eta ehun artalde gehiago erosteko beste diru dut nik. Non da zure aita, eskua eska diezaiodan? Neskatoak, burumakur, apalki erantzun zion. -Basamortuaren ostean beste ehun basamortu zeharkatuta ere ez zenuke aurkituko. -Ba, orduan, etor zaitez nirekin. Andrerik zoriontsuena egingo zaitut. -Haizea ezin da kaiola baten barruan gorde. Nire bihotza ere halakoxea da, jauna, aske behar du. Haffat ezetz horrek sumindu egin zuen. -Lortuko ez dudan gauzarik ez dago lur azalaren gainean, maitea. Nahi edo ez, nirea izan behar duzu! Artzaintsak burua jaso eta begietara egin zion so. -Nire gorputza kateaturik eroan zeinke, baina nire bihotza beti aske izango da. Haffat bigarren ezetzak bere onetik atera zuen. Ezpata eskuan, mehatxu egin zion. -Zatoz nirekin, edo bertan hilgo zaitut! -Hil nagizu, bai, atera egidazu bihotza eta lurperatu egizu. Baina jakizu, honegatik, zu eta zure ondorengo guztiei negarra eragingo dizuedala. Gorrotoak itsuturik, neskatoa hil, bihotza atera eta lurpean ezkutatu zuen. Egunak joan, egunak etorri, Haffat neska hil zuen tokitik igaro zen halako baten, eta ezagutzen ez zuen landare bat ikusi bihotza lurperaturik zegoen bazterrean. Errotik atera eta hara zer ikusi zuen: azal gorrixka zuen erraboila. -Nola erne daiteke bihotz lurperatua? Txikitu egingo dut! –erabaki zuen amorraturik. Labana atera eta erraboil hura zatikatu egin zuen. Atoan, begiei itsaso bat malko jario zitzaien, eta harrezkero kipula bat txikitzen duen oro negarrez hasi ohi da, egiaz artzaintsa ederraren bihotza ziztatzen ari baita.” Badator gaua, ortzean izarñoak izetzera datorren emakume soineko beltz ederra. Beste egun bat igaro da. Azkena, ostera. Bai, burubiderik gatxena hartu dut: alde egitea. Nire bihotz artegatuak trapaladan gura du hemendik urrundu, beste paisaia batzuk ikusi, beste erretratu batzuk egin... Gaua lagun, lotzen nauten kateak eten eta betiko desagertuko naiz, ume haren antzera, tximelota liluragarrien atzean. Edo ez. Biharamunera arte itxarongo dut. Horixe izango da nire mendekua. Isilpean eta ezkutuka barik, denon begi aurrean egingo dut. Behingoagatik, neu izango naiz erretratatua, neu begi eta kamera guztien jomuga. Parkea jendez beteta dagoenean, idulkitik jauzi egin eta lasterka hasiko naiz, zantzoka, egundokorik zoriontsuen, ingurukoen harriduraz gozatuz, argazkilariaren estatua zaharra arrapaladan zelan urruntzen den zurturik begiratzen dutela. Hildakoaren solasak Luis Mari Mujika Fermin Olaskoaga zurgina, pinuz eginiko hilkutxa bizkarrean duela, sartu da gelan. Kaxilda neskameak baldarki itxi dizkit begiak. Hala ere, ezkerreko begiaren betiletatik, sare mehe baten zehar gisa, ingurukoen mugimendu, aiene, sasi-negar, errezo eta beste katramilak jarraitzen ditut. Kaxildak ispilua hurbildu dit ezpainetara, oraindik arnas aztarnarik ba ote dudan ziurtatzearren. Ispilua ez da zipitzik lurrundu. Bai, ongi hila nago ene neskame eta ingurukoentzat... Eguzkiaren izpiak bertikalki sartzen dira gelako goi leihotik nire betarte, kokots, bular, sabel, belaunburu eta orkatiletara, argizko tira bitxiak marraztuz. Argi-unetan nabarmen gelako hautsa, eta xomorro eta eulien hegadak. Itxuraz, oso serio eta zurrun gelditu naiz hilda, ezen bisitariek halako muzin bat egiten dute ni ikustean, aitaren baten imitnzioa egin ondoren. Xingola dut loturik hanketan, eta zapi zuria kopetan. Joxepa Sastrenekoa, Leona Arriolakoa, Anastaxia Istilletakoa eta Madalena Albarorenekoa (aih, nere ametsetako Madalena kuttuna!) hemen daude alboan arrosarioa eta letania zaluak latinezko ele-mele gaitzetan esaten Urbedeinkatuzko edalontzia ere, barruan erramu-orria duela, aldamenean daukat. Anastaxiak ur-tanta ugariak bota dizkit gorpu gainera astitsu. Kasu, tanta bat ezkerreko begira erori zait, bestea sudurrera. Sudurrekoak azkura gisako ukitua egin dit (“Nolatan azkura? Zer esaten ari naiz... Ez al nago, bada, ongi hilda?”). Madalenak, berriro, ene galtzetara so egin du. Itxuraz, eztaietan jantziriko galtza beltz-urdinok oraindik aspaldiko arraia mantentzen dute. Madalenarekin ordez, Iñaxirekin ezkondu banintzen ere, nire lehen andregai paregabea Madalena izan zen. Berak ongi daki... Madalenak zenbatetan ez zizkidan, emaztearen ezjakinean, bere izter limuriak, bular oparoak, beso luze-linealak, kadera sentsuala ukitzen utzi... (“Baina, zertara datoz oroi guzti horiek orain ongi hilda banago?”). Fermin zurginak ene gorpua zerraldoan astokiro sartu du. Ez izan dudarik Fermin beti asto izan dela bizitza guztian. Une honetan ezin zitekeen bestela portatu... Itxuraz, nire eskuek ez dute kaxa beltzean eroso sartu nahi izan; ezta oinek ere, zurgin astazakilak jo egin bainau galtzarbetan eta ezkerreko saihetsean gorputz nirea hertsatu nahiaz.. Kolpe batez behartu dit soina zerraldora, hankaz zapaldu ene zilbor gaina sabela hazita daukadalako. Zurginaren aurpegiak “alu honek, hilda ere, setati eta kaskailu jarraitzen dik!” esan bide du... Betazalak bere hatz baldar eta lodikoteez berritxi dizkit. Astoa! Euli batek nire kokotsetik leporako bidea korritzen du. Gero sudurzuloetara igotzen da, eta ondoren ezker masailako arrasto itsusiaren zimurretan gelditzen. Berriro, azkuratxo bat edo susmatu dut... (“Baina, zelatan azkuratxoa? Ez al nago bada ondo hilda”). Gelan mater amabilis, mater admirabilis, mater boni consilii gisako otoitzak entzuten ditut nagi. Ur-bedeinkatuzko zipriztinek orain nire zerraldo-oholak bustitzen dituzte (“Madalena, zu bai zinela maxusta eta dultzea... Zelako astinaldiak sentitu zenituen nirekin!”, “Ia beti gona urdinez jantzia hurbiltzen zintzaidan”, “Hatzak zuriak zenituen, masailak sagarraren usain basatiz, ezkerreko diti ondoan niretzat apartekoa zen orina zeneukan...”, “Iñaxi nire emazteak (Jainkoak zeruan ukan dezala!) ez zuen jakin, ezta susmatu ere, nik biluzik ezagutu zintuala”, “Emaztea ez zitzaidan inoiz biluzik argitan entregatu...”, “Madalena, zu bai, ordea!”). Hilkutxaren zirriztu batetik ikus dezaket orain Madalenak sila nolatan hartzen duen, eta esertzen den. Hemendik errepara ditzaket bere belaunburu sendoak, izter zuri-zoztorrak, kaderaren limuritasuna. Madalenak, oraindik berrogehita zortzi urte baino ez ditu, eta xarma ederreko anderea dago (“Ze koño hil naiz, bada, hain goiz...?”). Anastaxia, letaniak amaituta, Oremus, concede nos famulos tuos, quaesumus... delakoa murmurikatzen hasi da latinez, nahiz hizkuntza jakin ez, esaera zaharrak dionez. Ingurukoek, beste behin, Ur-bedeinkatua bota didate hilkutxa gainera. Ondoan entzun dudanez, goizeko bederatzi eta erdiak ziren hil nintzenean. Estanix, ene iloba, arrosario bukaeran azaldu da. Kaxildak berehala pentsatu du: “Gazte arraio honek, ze kristo egiten din hemen, osaba ez baitin azken bost urte hauetan hiru bider ere bisitatu...!”, “Itxuraz, heredentzia usnatzen din urrutitik. Heredentzia osoa, ordea, nerea dun, bere neskame leiala urte anitzetan izan naizelako...!”. Estanix ilobak Kaxildari hilkutxa irekitzea agintzen dio, osaba maitea azkenekoz ikusi nahi duela eta. Kaxildak amorrazioz so egiten dio, baina esana betetzen. Zerraldoaren tapakia jasota, ilobak ene betartea ikusiz: - Osaba sano hilda dagoela uste al duzue? Ahoa zerbait irekia dauka; ezkerreko begian halako irriñoa du. - Letxes! Isilik egon hadi! Nola egonen duk bizirik! Nik bart eman nion belar-katilukadaz, prezeski, nahita ez, hil beharra zeukean. - Zein belar-katilukadaz? -erantzuna ilobak. Kaxildak mantalaren ertza pasatzen du ezpain zimurtsuetatik-. Noski, nik emanikoa ziurri eta irakabelarrez eginiko edaria (“Besterik ez zian merezi... Aluak, hainbeste urtetan berari zerbitzen egon eta diru guztiak parrastatu dizkik Madalena eme lizun, bargasta, urdanga horrekin”, “ Ez zegok eskubiderik horretarako”, Hiretzat ere ez dik deus utzi...”). Elkarrizketa, noski, Kaxildak ilobari pasiloan egin zion, beila-gelako atsoek eta Madalenak ezer entzun ez zezaten. Orain salvea eta kredoa Aita Santuaren asmoetara errezatu dituzte Anastaxiak eta beste atsoek, errezoen murmurioa gelako isilunean adierazgarriagoa eginez. Niri gaur, hil ez banintza, ferira joatea tokatzen zitzaidan zekorra saltzearren. Diruaz Madalenaren gutixia bereziak beteko, nituen, baina alferrik izan da guztia... Oraindik ez dakit, bada, garbi hil naizen ala hil nauten... Kaxildak herenegun eginiko taloa primerakoa zegoen; oraindik areago txorizoa, baina bart gaueko belar-zukua ze mikatza eta arraroa zegoen... Une batez, Eternam habeas requiem eta Absolve, quaesumus, Domine, animam famuli tui... gisakoak entzuten ditut sotana luze eta beltzez jantziriko gizon baten ahotik. Negar-zotin batzuk ere aditzen dira ene ondoan. Nire emazte Iñaxi, azken urteotan, urritz-makila bezain zimela zegoen. Oherakoan ez zituen galtzerdiak kentzen, ezta azpigona. Ni oraindik gizon sendo, bortitz, osasunjario nengoen. Orain, berriz, zurrun eta mugiezin (“Nola ez haiz egongo, bada, leloa? Ahantzi egin al zaik guztiz hilda hagoela eta ezin haitekeela mugi...?”, “Esan, zergatik lotu dizkidate xingolez oinok?”, “Zer uste dute, behin hilda, ostikoka, hasiko naizela?”, “Besoak, belaunak, hankak tenk dauzkat... Begietan dabilkidan euli aspergarria ere ezin dut uxatu...”). Madalena, orain, kadiratik zutitzen ikusten dut. Nire heriotzak. ez dio galdu ohiko xarma eta kolorea Ausaz, herentzian du amets. Badlrudl alproJa naizela dioela bere arrimoan ia dena parrastatu dudalako (“Gizon bezala ez du inoiz aparteko baliorik izan... Eskasa izan da”). Bera ere haserre da nerekin. Aski da bere ezpainetan erreparatzea. Ze muzindura! Iñaxi zenak, berriz, beste mundutik (ni, orain, itxuraz, bi munduen erdian natza...) “erruki haut” dasaida. “Nora joan haiz hortik barrena arima erratiaz?”, Sukaldean, ukuiluko ganbeletan, teilatu ertzean ibiltari sumatzen diat hire arima...”, “Noiz hator hona?”. Pater noster qui est in coelis... Leihoa irekitzen da, bat-batean. Haize-bolada zakarra sartzen da. Nire hilkutxa ondoko bi kandela. itzali dira. Leihatiltan kolpetxoak, kristaletan dardarizoak entzuten dira. Panem nostrum quotidianum da nobis hodie... Paisaiaren lilura ez da apaldu ni hiltzeagatik... Zuhaitzak orritan, zuhaixkak ihintzetan, atariko jeranioak loretan daude, beste egunetan bezala. Behin eta berriz esan nien, bada, Arizkondietako haritzei ni hileta-egunean makurtu egin behar zirela; berdin jalgi nion bideko ezpondari -alegia, leherturik, lurrera etorri behar zuela, eta Latseta errekari uholdez gainez- ka egin behar zuela-. Lepazuri behiari nire ehortze-egunean esnerik ez emateko ere iragarri nion; gaur, ordea, hamabi litro-esne hustu ditu pertzara. Denak eskergabeak, sentimengabeak izan dira nirekin... - Madalena, masusta horrek, esaiozu Lepazuriri bihar, gutxienez, esnerik ez emateko. Berdin diotsat Latseta errekari; urak plazaraino bota ditzala herritarrek “zergatik da hau guztia?” galde egin dezaten. Eta neskameari: “Kaxilda, ezln dut iksui atarlko intxaurrondoa lehen sendo eta orritsu... Edonork esanen du etxeko nagusia, hilda ordez, ezteietan dagoela”. Orain Leona Arriolakoa zutitzen da, elizarako bidean jartzearren. Azkeneko doluak ematen ditu. Nori, ordea? “Sentitzen dut biziki” Madalenari, begiak ia lurretik jasotzen ez dituela. Eta, gero, ezpainak apenas mugituz, murmurikatuz bezala, bere gisa isilean: “Alferrik zaude errezatzen, Madalena”, “Orain ordaindu beharko ditu zerraldokoak zurekin eginiko ohakeria guztiak. Ziur nago Iñaxi emazteak ez dizkiola barkatuko mundu honetan eginiko ezkontza nahasteak...”. Madalenak haserre bezala so egin dio atso lotsagabeari, 1II’:yz pentsatua susmatu bailion. Leonak berriro: - Ohartu naiz leihoa haize-boladaz zazpi aldiz ireki dela. Iñaxiren arima ingurutik dabil, antza . - Ferminen arlmak ez du atsedenik -oraingoan Joxepa Sastrenekoak bere baitan-. Zuen bekatua desestali da. Haragikeria lizunak ez ezik, Ferminekin odolkidekeriak egin dituzu, Madalena, Ferminen arreba borta baitzara. -Infernua merezi duzue. Zuen bekatuek nekez ukanen dute Jainko handiaren barkaziorik, senideen arteko haragikeriaz anaia kondenatu duzulako betiko... Irten zaitez gela honetatik, joan zaitez hemendik Intxisuren kobazuloraino. Madalena zurbil jarri da, hormetako karea baino zuriago. Berehala ohartu da bere anaia naizen honekin eginiko bekatuaren ikaragarriaz, eta negarrez hasi da. On Prudentzio apaizak azken aldiz sartzen du hisopoa ontzian, eta ur-igurtziak nire zerraldora eta ingurukoen sudurretara banatzen, errezo ulergaitzak esanez. Segidan, inguruko hiru gizon sendokote eta iloba Estanix nire hil-kutxa astuna mugitzen, eta besagainetara altxatzen, hasi dira elizarako bidean. Madalenak, zinez, aurpegi txarra dauka, gelako gehienek igarri dituztelako Leonaren salaketak. Nik, noski, banekien Madalena nire arreba borta zela, baina, berak ez... Horregatik ez du egin intzestozko bekaturik, ezjakinean zegoelako. Azkenean, elizarantz naramate. Bideko potxingoetako igelek kantua eten egiten dute ni igarotzean. Kaxildak, dagoeneko, teilatutik kendu du teila gorria nire arimak goiko bidea erosoago dezan, baina nireak ez du irtenbide egokirik izanen zerurantz. Bekatu larregi egin dut bizitzan. Iñaxi engainatu dut. Baita Madalena gajoa ere. On Prudentzio apaizari sermoian Jainkoa aita dela esaten entzuten diot, eta gizonen bekatuak, burdin goria bezain gorriak izan arren, Jaunak guztiak xahutzen eta zuritzen dituela bere urrikalmendu azken gabean... Nik lehenengo aldiz, esperantza apur bat sentitzen dut, eta kanposanturako prest jartzen -lurretik sortua naizenez lurrera itzultzearren behingoz-. Perizene baserrian Kaxilda neskame gajoa bakarrik gelditu da hiletara joan gabe, bazkaria bost apaiz eta hamabi ahaideentzat prestatzen. Zergatik? Hargatik Julene Idoate Legorburu San Martin egun honetako ekiak bidalitako lehen printzek esnatu naute, udazkenean noizbehinka suertatzen diren egun epel eta goxoetako batean. Bakarrik nago, lau pareten artean. Hori izan da azken gogoeta hau burutzera bultzatu nauen aitzakia. Dagoeneko badira hiru urte presondegi honetan nagoela. Ez naiz gustura sentitzen, baina ezin esan dezaket hemen jasotzen dudan tratua ona ez denik. Aspaldi batean, aske bizi nintzen, askatasun osoz, askatasun osoan nire lau neba-arreba eta amarekin batera. Bizkaiko herri txiki batean bizi ginen, Arrazolan hain zuzen, euskal mitologian hain esanguratsua den Anboto mendiaren magalean. Gure bizilekutik, lehen argi printzak ikusi ahala azaltzen zitzaizkigun goizero begien aurrean Memaia, Anboto, Udalatx, eta Alluitz. Gaur egun jende askok baserriak zikinak eta deserosoak direla uste du, baina uste ustel hau alboratuta, esan beharra daukat gurea guztiz bestelakoa zela: ikusgarria zen. Handia, txukuna, eta ondo zainduta zegoen. Etxearen eskuinetara, ortu handiak okupatzen zuen hesiz inguratutako lur-eremu zabala; ezkerrean ordea, belardi txiki bat zegoen animali batzuen atseden leku gisa; eta etxe ostean, ez dakit zer zegoen, ez bainintzen inoiz bertan izan. Pozik bizi ginen etxalde hartan. Goizero, oilarraren kukurrukuak esnatzen gintuen, baina beste lau neba-arrebak eta bostok, beste egin beharrik ez eta etzanda gera eta ama gure bistatik eramaten zuen, baina inoiz ez dut jakin nora eramaten zuen egunero, gehien gustatzen zitzaiguna egiten ari ginenean hain zuzen. Gogoan dut nola udazkeneko egunsenti gris eta triste batean, esnatzeaz batera konturatu ginen Txato (izen hori jarri zioten bere sudurmotza zela eta), nebarik zaharrena, ez zela gure ondoan. Berehala harritu ginen guztiok, baina ordurako ama, bere bila ari zen. Etxe osoan bilatu genuen baina ezer ere aurkitu ez. Ama berehala jabetu zen gertatzen zenaz baina, guri ezer esan gabe kantoi batean etzan zen goibel-goibel. Ondorengo egunak triste samar pasa genituen, baina amak lasai egoteko adierazten zigunez, pixkanaka tristura pasa zitzaigun eta antzinako garai zoriontsuetara itzuli ginen. Udazken goibela pasa zen, baita negu zuria ere. Zuria benetan urte hartako negua! Aspaldian ez zuen horrelako elur jasarik bota. Ordu gehienak lotan pasa genituen eta horrela ez zenetan, denak ondoan, hurbil-hurbil, hotzari aurre egin nahian. Laster etorriko zen baina udaberria, eta berarekin batera, baita alaitasuna ere. Uda pasa eta udazkenean sartu ginen ia konturatu ere egin gabe. Urte bete iga- roa zen neba desagertu zenetik. Hara nola egun horietako batean esnatu eta Zipi, nire ahizpa, ere ez zegoela konturatu ginen. Neba-arrebok, aurreko desagertzean baino beldur, harridura eta tristura askoz handiagoa sentitu genuen. Bigarrena zen! Guk ezin genuen sinetsi, baina amak ordea, ez zirudien, ez beldurtuta, ezta harrituta ere, bai ordea, triste- tuta. Txato joan zitzaigun egunean etzaten zen kantoi berean etzan zen oraingoan ere, ger- tatzen ari zena ulertuko balu bezala. Honi buruz amari ezin izan genion ezer galdetu, ezin izan genuen. Ordutik aurrera ez ziren gauzak lehen bezalakoak izan. Ez ginen hain zoriontsu bizi. Ama goibelduaren ahotik ez zen irribarre bakar bat bera ere ateratzen eta nagusia ere ez zitzaigun lehen bezain bestetan gure etxean agertzen. Urte batzuk geroago baina, Zipi desagertu zen garai berean, nire bizitzatik kendu zizkidaten geratzen zitzaizkidan neba biak. Gero eta harrituago eta beldurtuago nengoen ni, baina hala ere amari ezer galdetzeko ahalmenik gabe. Oso triste bizi izan ginen ordutik aurrera ama eta biok, bakarrik. Jateari utzi nion, jada ez nuen bizitzeko batere ilusiorik, nire neba-arrebei gertatu zitzaien igarkizunarekin bizi nintzen eta. Ez nintzen nire txokotik ezertarako mugitzen. Jan, justu-justu jaten nuen beharrezkoa. Amak ez zidan kasurik egiten. Horrela, hotz ikaragarria egiten zuen arratsalde batean, nagusiak gure etxetik atera eta kamioi batean sartu ninduen. Ordu erdi eskaseko bidaiaren ostean, kamioitik jaitsi eta baserri ikaragarri bat antzeman nuen nire begien aurrean. Beste etxe batera sartu ninduten. Bertan jarraitzen dut oraindik. Seme-alabak ere izan nituen, amak bezalaxe. Zortzi hain zuzen. Ama izatearen poztasun eta zoriontasun hark, bizitza beste era batera ikustera behartu edo bultzatu ninduen, beste begi batzuekin. Jabetu nintzen bizitzaren eta gizakien krudeltasunaz. Hori duela hiru urte izan zen. Orain badakit zer den San Martin eguna. Badakit zergatik desagertzen ziren nire neba-arrebak, badakit orain ere zergatik kentzen didaten urtero seme-alabaren bat. Gaur, azkar esnatu naiz, nire semeari azken agurra emateko. Zazpi egun Martarik gabe Jon Aiastui Labana Begiak itxi zituen. Zabaldu zituenean, labanak bere eskuturraren gainean segitzen zuen. Ez da ausartu ispiluari begiratzen. Labana eusten zuen eskuak dardar egiten dio. Besteak ere bai. Eskuturretik labana aldendu, pittinka jaso, ezerekin ukitu gabe, eta ipini du konketaren gainean. Orduan bere aurpegia ikusi du ispiluan. Ez dago negarrez. Berak beti uste izan zuen halakoetan negar egiten zela. Baina, antza, nahiko negar eginda dago aurreko hilabeteetan. Irribarre egin dio ispiluari. Ispilukoa negarrez hasi da. Goikoa Goikoak neskaren negarra entzun du komunetik. Hiru negar-zotinka baino ez dira izan. Lehenengoa, minduena eta baxuena. Bigarrena, tupustean. Hirugarrena lantu bezala hasi da eta lantu bezala segitu du, nota bati eutsiaz. Ondoren, beheko neskak dutxari eman dio. Goikoak badaki zer den dutxari ematea lurrean jantzita egonda. Bi aldiz daki. Goikoak irratia piztu du. John Lennon eta Paul McCartney irten dira. Batak oihu egiten du eta besteak notari eusten dio. Bainugelako atean Neskak labana sartu du jertsearen azpitik. Zintzilik dagoen toalla batean aurpegia garbitu, eta entzuten jarri da. Bi oihartzun iristen dira: atearen beste aldean, norbait plastikozko objektuak apurtzen ari da; goian, berriz, Paul McCartneyren bigarren kontzertuaz ari dira hitz egiten irratian. Neskak zabaldu egin du atea. Zalapartatik urrundu da, atzerantz begiratu gabe. Bere logelarantz doa. Iritsi da atera. Itxita dago. Ez da zabaltzen. Zarata datorren lekura begiratu, eta handik berehala zarata eten egiten da. Sala isil-isilik geratu da. Orain pausu bat entzun da. Pasillorantz dator. Neska apartamenduko atera abiatu da presaka. Ez da zabaltzen. Itxita dago. Berriz saiatu da. Ez, oraingoan zabaldu egin da. Bi pausoan kanpoan da. Goikoak entzun du eskaileretan norbait korrika jaisten. Segituan, apartamenduko atearen daunba entzun du. Ondoren, neskaren saltoak eskaileretan behera. Lehen eguna Martarik gabe Goikoak ez du irratia egun osoan ipini. Berandu hartu zuen lo, goiz jaiki da eta berandu doa ohera. Eguerdian, gutunontzia ikustera jaitsi denean, beheko gizona sentitu du bere apartamendutik irteten. Zain geratu zaio, gutunontzia hustu bitartean. Gizona apur bat jaitsi da eskaileretan. Bet-betan, geratu egin da. Gora egin du eta apartamenduan sartu da berriz. Goikoak gutunontzia itxi, eta ogia erostera joan da. Bigarren eguna Martarik gabe Goikoak irratia ipini barik eduki du. Irakurtzen eman du egun gehiena, etxeko ate guztiak zabalik zituela. Hogei komiki irakurri ditu, edo bi aldiz hamar. Ez du zaratarik entzun behean. Gizona komunean eta gizona frigorifikoan, besterik ez. Gizona oheratu denean, bera iratzarrita geratu da. Hirugarren egunean Telefonoa joka hasi da beheko apartamenduan. Gizonak hartu egin du. Ahots goxoa du; aita baten bezalakoa, alaba bati beldurrik ez izateko esaten. Luze egon dira telefonoan. Noizbehinka, gizonak Bai esaten du, edo Noski, edo Laztana. Gero txilioka hasi da. Arratsaldeko seietan, goikoa leihoan dago jarrita, eta neska ikusi du auto batetik jaisten. Harekin beste bi neska datoz. Keinua egin dio leihotik. Neskak itzuli egin dio, eskuko hatzak airean pianotuz, eta portaleko atera joan da. Ondoren, goikoak leihoa utzi du, Bach-en musika ipini du goi-fidelitatezko katean, eta kontrabaxuaren notak segitu ditu, airean hatzak pianotuz. Gero atera joan da entzutera. Ez esan ezer ere Moztu du neskak. Kendu paretik. Nire gauzak hartzera nator. Sesioa egon da. Beste bi neskek ere ozenki hitz egin dute. Halako batean, gizonak bazihoala esan, apartamentuan sartu, eta gela bateko atea daunba itxi du. Lapiko hotsa egon da, zabor poltsak zabaldu dira, kartoiak jaitsi dira eskaileretatik. Laugarren eguna Martarik gabe Goikoa musika ipinita egon da eguerdira arte. Eguerdian, gutunontzia ikustera jaitsi denean, ohartxo bat aurkitu du eskuz izkiriatua. Beheko apartamendukoa naiz. Barkatu iskanbilak. Gauza bat eskatu behar nizun. Nik helbide berria eduki arte, nire izenean datorren posta galdu egingo da ziur aski, ez galdetu zergatik. Postariari separatzeko eskatu ahal bazenio, benetan estimatuko nizuke. Aurretik mila esker, Marta. Naiz. Barkatu. Eskatu. Eduki. Galdu. Galdetu. Eskatu. Estimatu. Ni naiz. Zuk barkatu. Nik eskatu. Nik eduki. Hura galdu. Zuk galdetu. Nik eskatu. Nik estimatu. Goikoak eskaileretarantz begiratu du eta ogia erostera joan da. Larunbata Martarik gabe Hamaiketan, postariaren zain tinkatu da leihoan. Hamaika eta erdietan, neska agertu da kantoiko izkinan. Goikoak itxoiteko egin dio besoaz. Itxi du leihoa eta gutunontziraino jaitsi da. Postaria ez da hamabi eta erdiak arte pasa. Ez du arazorik ipini. Ohartxoa leitu du, eta bi gutun eman dizkio. Hurrengoan goikoaren ontzian utziko ditu. Horren kargu hartzen du. Gero joan egin da. Goikoa, bere postala irakurri ondoren, kalera irten da. Kantoiko izkinan ez da inor ageri. Zigarroa iziotu du. Begiratu du atzerantz, eta gizona ikusi du leihoan jarrita. Ikusi duenean berari begira zegoen, eta fatxadako beste leihoei so egin dienean berari begira dago. Miatu du kalean, kafetegian, dendetan, gutun biak eskuan dituela. Etxera joan da. Leihoa zabaldu du. Beso-ukalondoak kokatu ditu markoan. Bi gizon bi leihotik kalera begira. Igandea Gutunak ez daude beraren logelan. Leihoa hutsik dago. Goikoa kalera irten da, gizona etxetik irteten sentitu ondoren. Igandea da kaleetan. Ez dabil inor. Zaila da gizonari segika egitea. Zapaten oihartzuna jarraitu behar du, kalerik kantoi. Halako batean, zapaten hotsa geratu egin da. Bitartean Neskak bebarruko atea zabaldu du. Bigarren solairuraino igo da, eta hirugarrenera segitu du. Goikoaren atean jo du. Birritan jotzen du. Hiru bider. Oharra pasa dio ate azpitik eta joan doa. Itxoin hemen bihar 15:00tan. Ordu horretan nire gizona etxetik irtengo da, nirekin kafe bat hartzera metro estaziotik gertu. Bueltatu da goikoa etxera Bueltatu da goikoa etxera. Atea ireki orduko, oharrarekin egin du trikitx. Itxoin hemen bihar 15:00tan. Itxoin. Ordu. Gizon. Etxe. Irten. ‘Ni’ hitza gehiago agertzen da, besteak baino. Nire. Eta Nirekin. Zazpi egun Martarik gabe Goiz esnatu da goikoa. Arratsaldeko hirurak izateko bost minutu falta direla, telefonoa joka hasi da behean. Txilioak entzun dira eta hainbat hitz ere bai. Behekoak apartamendutik irten du. Hiruretan, atean jo dute. Marta da. Posta jasotzera dator. Goikoak gutun biak eman dizkio. Ongi zaude?, galdetu dio, posta emanez bat. Bai, erantzun du Martak. Dena ongi doa, lagunei esker. Ez da erraza, baina ongi doa. Eskerrik asko galdetzeagatik. Askotan ematen zenion dutxari jantzirik, esan dio goikoak. Nik ere badakit zer den hori. Neskak irribarre egin du. Isilik geratu da, lekuan zutik. Gero esan du: Pierre edozein astakeria egiteko gauza da. Edaten duenean eta ez duenean edaten. Kontuz ibili. Goikoa ere zutik geratu da. Ez da ausartuko agure bat jotzen, esan du lurrera begira. Martak gutun biak erakutsi ditu airean, lurrera begiratuz. Ondoren esan du: Joan egin behar dut. Hurrengo posta gaur zortzi emango bazenit, estimatuko nizuke. Estazioko kafetegian gera gintezke, ordu honetan. Gero ez dut uste karta gehiago etorriko denik. Eskerrik asko. Agur. Gero joan doa. Estazioko kafetegian Marta iritsi denerako, goikoa kafea hartuta dago. Zer moduz astea? Ondo. Gutunak eman dizkio. Hiru dira, besterik ez. Diru kontuak, hirurak. Goikoak kafe batera gonbidatu du. Pierri buruz hitz egiten dute, erruaz, erruduntasunaz, bizitza aldatzeaz, gaztetasunaz, edadeaz eta arnasa hartzeaz. Gero Martak esan du joan beharra duela. Esan du hurrengo igandean beste kafe bat har lezaketela, gura izanez gero. Ez dut beste egitekorik, esan du goikoak. Marta joan egin da. Goikoak kafe biak ordaindu ditu. Ondoren, beste kafe bat ekartzeko eskatu dio zerbitzariari. Oharrak [←1] Tta: ttattiko; tirrit; bai, zotza; bai, bost, ezta pentsatu ere; ezta hurrik eman ere; fa. [←2] Bai, ala? [←3] Guziak musu. [←4] Bai, egia da. [←5] Mazura: mailuki, marrubi, arrega. [←6] Anitz, franko, asko, ausarki, ihaurri. [←7] Arreske, emeske. [←8] Urdearen deitzeko elea. [←9] Katuka, txakurka, pitzi-patza. [←10] Jatun, gosailo, gosailu, jale porrokatu. [←11] Makera eder. [←12] Ezpainen milikatzerat eta zuekin larrutan jardutera. [←13] Antxume: orpogorri. [←14] Ez baitira neska makalak. [←15] Txotxito, txotxo, txo, tto, to; neskei no, ño. [←16] Pito, ments, kaiku, babu, tentel, tetele, ñuku, pettux, sopikon, kaskamelontzio. [←17] Beraz, hortaz. [←18] Ongi, ondo. [←19] Gaxokatu: laztandu, ferekatu. [←20] Titiztatu: titia eskaini edoskitzeagatik. [←21] Betea. [←22] Jainko ttipi: andraize, hegoaize, haizego. [←23] Xanfart: oturuntza. [←24] Kaka egiteko gisan. [←25] Zankaparka: à quattre pattes, pitzi-patza, lau oinean, katuka. [←26] Polito, ederto. [←27] Ur eta garagardoa. [←28] Korritu. [←29] Ekaitz. [←30] Laster, sarri, gerenhala. [←31] Txiki: guti. [←32] Ero, zoro. [←33] Oinutsik, orpogorri, ortozik, antxume. [←34] Urus: iros, uros, zoriontsu/malerus, malurus. [←35] Iraintzeko edo laidotzeko baliagarri direnak. [←36] Arabako sartaldeko komentua. [←37] Arabako Errioxako herria, Biasteritik oso gertu. [←38] Tupustean, dzanpez, derrepentean. [←39] Zangoen gainean, urttuxirik, ortozik, oinutsik, hankutsik. [←40] Joango. [←41] Goazen, ba. [←42] Eguzki-galdatan. [←43] Erremestiatu: eskertu. [←44] Erru. [←45] Beldur. [←46] Gezurter, gezurti, mardailer, petart. [←47] Mukiak sudurtzulotik zintzilik, haurrak bezala. [←48] Harritzekoa, txunditzekoa. [←49] Biluzten dena edo duena. [←50] Biluzgorritu. [←51] Etxeko terraza. [←52] Hala ere. [←53] Zoriontsu. [←54] 1976ko martxoaren 3an, Gasteizko Zaramaga auzategiko San Frantzisko elizan nahiz ondoko plazan grisek bortz langile hil zuten.
Aurkibidea SENTIMENDU FESTA EZINA LORTU DUTE TOSTAKO ARRAUNAREN JATORRIA EMAKUME ARRAUNLARIEN AURREKARIAK: PASAIAKO BATELARIAK TRAINERUAN ERE BAI EMAKUMEAK ETA ITSASOA «ERAKUSKETA INTERESGARRIA, ERAKARGARRIA ETA ARINA IZATEA NAHI GENUEN» «GUK IREKITAKO BIDEARI ESKER, BADABILTZALA IKUSTEA OSO POLITA DA» «PENA DUT ARRAUNLARI GISA EZ BIZITZEAGATIK GARAI HAUEK » «ARRAUNLARIAK ZAINDU EGIN BEHAR DIRA, EZ ERRETZEKO» «BETI BIGARREN MAILAN DAGO EMAKUMEEN ARRAUNA» «DATORREN DENBORALDIAN JAUZI HANDIA EMAN DEZAKEGU» DONOSTIAN, PROIEKTU BERRIA booktegi.eus irutxulo.hitza.eus SENTIMENDU FESTA Anaia izan genuen etxeko lehen arraunlaria. Ez genuen aurretik arraunean aritutako inor ere familian, baina Xabiri horixe probatzea bururatu zitzaion. Kirol bat gehiago zirudiena, urteekin anaiaren bizimoduaren erdigunea izatera igaro zen. Arraunlari, entrenatzaile, zuzendaritzako kide... zer ez ote du egin! Halako batean, ordura arte distantzian mantendu zen bere arreba gazteenari deia egin zion: «Estitxu, orain dezu momentu ona, hasi zaitez arraunean, neskak behar ditugu». Ez dakit zehazki zergatik, baina azkenean kasu egin nion, eta ni ere saltsan sartuta nabil azken urteetan; estropaden berri emateaz gain, estropaden parte izaten. Ziur nago, nire kasuan bezala, emakume arraunlari askoren atzean egongo direla halakoak, arraunean egitera eraman dituzten anaiak, ahizpak, lagunak edo ezagunak, mutilak zein neskak. Urteen poderioz, geroz eta gehiago garela da albistea, eta egungo egoerara nola iritsi garen jakin nahi izan dut. Nolatan hasiko ziren emakumeak arraunean? Zeintzuk izango ziren lehenak? Nola sortu ziren emakumeen traineruak?... Ezagutu dudan guztia arraunzaleekin partekatzeko unea iritsi da. Harro, urduri, gogoz, lotsatuta... sentimendu festa ikaragarria dut orain nire barruan; edonola, nire aletxoa jarri dudalakoan nago, eta onerako izatea espero dut. Eskerrik asko nire bisitak pozik jaso dituzuenei, eta hau posible izatea lortu duzuen guztiei. Estitxu Zabala Kazetaria eta arraunlaria EZINA LORTU DUTE Arrantzaleen arteko indar-neurtze moduan jaio zen arrauna kirol gisa, euskal kostaldean; eta, jakina, garai hartako marinel haiek gizonak ziren. Emakume arraunlariei dagokienean, aitzindaritzat jotzen dituzte adituek Pasaiako batelariak, kaiko langile finak, eta mendeetan zehar lan egin zutenak. Haiek ere euren arteko lehiak jokatzen zituzten; maiz, bisitarien aisialdirako. Estropada ofizialetan, ordea, 1970etik aurrera hasi ziren emakumeak aulki mugikorrean; hau da, modalitate olinpikoan. Azken urteetan, tostako arraunean ere paladak ematen joan dira gutxika, batel eta eta trainerilletan; eta, azkenean, traineruan lehiatzera iritsi dira. Traineru estropaden goia, noski, Kontxako Bandera da, eta historia luzea duen arren, 2008an jokatu zuten, emakumeen lehen bandera. Kontua da, urte batzuen bueltan, ezinezkoa zirudiena posible bihurtu dela: emakumeek traineruan egiten dute arraunean, ofizialki. Lorpen hori, pausoz pauso egindako lanaren ondorioa izan da, eta ibilbide hori jaso nahi izan du IRUTXULOKO HITZAk. Hala, erreportaje zabalak eta elkarrizketak biltzen ditu gehigarri honek, emakumea eta arraunaren arteko harremanean sakontzeko asmoz. Oriorentrainerua, 2010ean. JOXEMARIOLASAGASTI TOSTAKO ARRAUNAREN JATORRIA Garai bateko eguneroko lanbideetan dute jatorria Euskal Herriko herri-kirolek; eta horien artean dago arrauna. Izan ere, gainontzeko lanbideen moduan, bilakaera baten ondorioz bihurtu da kirol, hainbat egokitzapen tarteko. Hiru arrazoi topa ditzakegu arrauna kirol bihurtzera iristeko: arrantzaleen arteko desafioak; balearen ehizara ahalik eta azkarren iristeko lehiak; eta atoi-lana. Hain zuzen ere, azken lanbide horren bidez hasi ziren emakumeak arraunean, guztiz gizonena zen mundu batean sartuz. Edonola, turismoa erakartzeko tresna egokia zela konturatu zirenean jo zuen goia arraunak. Batetik, baxurako arrantzaleak zeuden; bereziki, sardinaren eta antxoaren arrantzan ibiltzen ziren, eta horientzat ezinbesteko tresna zen trainerua. Arrantzaren eta arrantzaleen beren arrakasta, neurri handi batean, bizkortasunaren menpe zegoen. Zehazki, behin arrainak harrapatu eta gero, portura ahalik eta azkarren iristea zen gakoa; zenbat eta lehenago iritsi lehorrera, orduan eta salneurri hobea eskuratzen baitzuten. Beraz, arrain asko harrapatzeak bezainbesteko garrantzia zuen kaira lehenbailehen sartzeak. Hala, dirudienez, kostaldeko herrietan zurrumurruak zabaltzen ziren: halako kuadrilla bestelako hura baino hobea zela... eta ohikoak bihurtu ziren arrantzaleen arteko desafioak eta erronkak. Bestetik, baleazaleak zeuden: XVI. eta XVII. mendeen artean, balea-ehizan jardun zuten arrantzaleak. Animaliari lehen arpoikada nork sartzen zion berebiziko garrantzia zuen. Hartara, balea ikusi eta zegoen lekura lehenengoa iristea beharrezkoa zuten, arpoia sartu eta lehenbailehen lehorreratzeko. Bizkor aritu behar izaten zuten hor ere arraunean, eta maiz sortzen ziren liskarrak, baleen jabetzen kontura. Bizkaiko Golkoan hasi zuten baleazaleek euren bale-ehiza, baina teknikak hobetzen joan ziren heinean, urruntzen hasi ziren, Kanadara eta Islandiara iritsi arte. Emakumeak arraunean hasteko arrazoia, ordea, ez zen arrantza izan. Herrian gizonek utzitako hutsunea betetzearren hasi ziren arraunean. XVII. mendetik XX. mendera, boladetan, belaontzi handien atoia emakumeen esku egon zen. Gizonak, askotan, Groenlandiara eta Ternuara joaten ziren balea bila, edota Espainiako armadako kide egin behar izaten zuten; hortaz, euren herrietatik urrun egoten ziren hilabeteetan. Portuetara iristen ziren belaontzi handiek laguntza behar izaten zuten lehorreratzeko, belak batu eta gero; eta hortik datoz Pasaiako batelariak. Ontzia ikusi eta hara lehendabizi iristen zen kuadrillak lortzen zuen lan hori, eta lehiak sortzen ziren interesatuen artean. Lan hori, ordea, ez zen euren eginkizunik handiena. Bai, ordea, badiaren alde batetik bestera mugitzea zamak, herritarrak eta animaliak. Batelariak 200 bat urte baino gehiagoz aritu ziren lanean; eta lehen bi mendeetan izan zuten mugimendurik gehien, XIX. mendean eta XX.aren hasieran, berriz, euren lana asko jaitsi zen, desagertu ziren arte. Garai hartan oso ohiko bihurtu ziren emakume txaluparien arteko estropadak, festetako ospakizun moduan, esaterako. Ohitura horren lekuko gisa, 1962tik, Pasaiako festetan, San Inazio Egunean, emakumeen arteko estropadak jokatzen dituzte oraindik ere, bateliko deitzen dieten ontzietan. Hiru lagunek osatzen dute arraunlari kuadrilla –bi istribor eta ababor bat–, eta patroia alde baterantz okertuta joaten da, arraunean ere laguntzen duelarik. Argi geratzen da, tradizioan zein kirolaren hastapenetan, pasaitarrak aitzindariak izan direla. Arrantzaleak arraunez baliatzen ziren garaian, nahi adina kuadrilla elkartzen ziren estropadak antolatzeko, baina arrantzaleen indarra alde batera utzi eta motorrak erabiltzen hasi zirenean, lehiaketarako hutsune handiak izaten zituzten. Dirudienez, 1940ko eta 1950eko hamarkadetan, galtzeko zorian egon zen arrauna. Hala ere, irautea lortu zuen; zenbaiten ustez, arraunketa olinpikoari esker. Balea-ehiza irudikatzen duen Charles Milsanen 1782ko akuafortea. Estropada antolatuak Herrien arteko desafioak ere sortu zituzten arrantzan eta badian lanean aritzen zirenek eragindako erronka haiek, eta, ondorioz, lehen estropaden antolaketa iritsi zen. Traineruen artean izandako aurreneko lehia, Bermeo eta Mundaka herrien artekoa izan zela diote; eta lehena izan ez bazen, bai ezagunenetakoa behintzat. Hain justu ere, 1719an, Izaro irlaren jabetza izan zen norgehiagokaren arrazoia, eta bermeotarrak izan ziren azkarrenak. Geroztik, urtero, Bermeoko herriko jaietan (uztailaren 22an), prozesioan joan eta itsasora teila bat botatzen dute, mugarri gisa: uhartea udalarena dela aldarrikatzeko. Pasaian, berriz, XIX. mendearen erdi aldera, hiru traineru ibiltzen ziren atoi-lanetan: Donibaneko bi, eta San Pedroko bat; eta 1954an, Donibaneko festetan, estropada bat egin zuten hiru traineruek. Estropada gehiago ere jokatu zituzten. Esaterako, Hondarribia eta Pasaia herrietako traineruek 1871n jokatutakoak ikusmin handia eragin zuen; gerora, estropadarik ospetsuena eta preziatuena izango zenaren jaiotza: Kontxako Bandera. Hondarribiarren eta pasaitarren arteko desafio haren oihartzunak urte askoan iraun zuen, eta 1879an, Donostian aurreneko Kontxako Estropada antolatu zuten. Ordukoan ere pasaitarrak gailendu ziren, turismo-hiri nagusian. Aurrerantzean, ia urtero jokatzen hasi ziren Donostiako Bandera, eta erreferente nagusia bilakatu zen arraunaren munduan. Turismoa erakartzeko tresna ezin hobea zelarik, aldi berean. Balea-ehiza irudikatzen duen Orioko udaletxeko beiratea. Donostiako estropadak etenak eta aldaketak bizi izan ditu 1879. urtetik. Edonola, arraunaren aldaketekin batera joan da; eta hainbat garai nagusi bereizi daitezke, bere osotasunean, euskal kostaldeko arraunean: Arrantzaleak, itsasgizonak eta batelariak. Ia ez zuten prestakuntza berezirik behar estropadetan jarduteko; eguneroko ariketa huraxe baitzuten. 1920ko hamarkadatik aurrera, baporeko itsasontzien erabilera zabaldu zen, eta horrek ekarri zuen, derrigor, estropadetarako prestakuntza berezia egin beharra. Aro modernoa, 1970. urtetik aurrera. Arraunketa olinpikoaren prestaketa fisikoa eta teknika trainerurako egokitzen hasi ziren. 1970etik, tostako arraunketa eta olinpikoa elkarrekin batera ibili izan dira. Lehen emakumeak ere urte horietan hasi ziren arraunean, aulki mugikorrean. 1985ean Euskadiko Arraun Federazioa sortu zuten. 1990eko hamarkada. Zuntzezko traineruak zabaltzen hasi ziren. 2003an Gipuzkoako Arraun Federazioak emakumeen 86 fitxa egin zituen. 2003tik aurrera, liga egonkorrak sortu zituzten: TKE, KAE eta KAE 2. TKE Liga sortu zuten Galiziako, Kantabriako eta EAEko gobernuek diruz lagundurik, eta goi-mailako traineruen liga eratu zuten. 2005eko denboraldian, Urdaibaiko egurrezko traineruak garaipen ugari lortu zituen. Hura izan zen goi-mailan egurrezko ontzia erabili zuen azken taldea. Ondoren, zuntza izan bai ta jaun eta jabe. 2008an, emakumeen arteko lehen traineru-lehia ofizialak jokatzen hasi ziren. 2009an TKE Ligak emakumeen traineru-liga eratu zuten: EuskoTren. 2010ean, Gipuzkoako Traineru Liga jokatu zuten lehen aldiz; eta ordutik, urtero jokatu dute. Orain, euskal talde guztiek modalitate olinpikoa praktikatzen ez duten arren, bien arteko harremanaz baliatu izan dira, nagusiki, prestaketa fisikoari dagokionean. Tostako arraunean, traineruak du ospe eta indarrik handiena, eta ekonomikoki ezinbesteko laguntza ematen die modalitate olinpikoa praktikatzen duten elkarteei, baita egiten ez dutenei ere. Aquariumen zintzilik dagoen balearen hezurdura ikusgarria. AQUARIUM EMAKUME ARRAUNLARIEN AURREKARIAK: PASAIAKO BATELARIAK Ez da batere kontu erraza lehen emakume arraunlarien inguruko informazioa topatzea. Jakina da, bai, batelariak izeneko andrazko batzuk lanean aritu zirela 200 urte luzez Pasaian; baina sakon arakatuta ere, ezin da informazioa biribildu. Beste kai batzuetan, gizonek egiten zuten Pasaian batelarien esku geratzen zena; eta oraindik ere, ez dago demostratzerik zergatik bereganatu zuten ardura hori Pasaiako emakumeek. Teoria zabalduena da gizon falta zegoela; batetik, komunitate txikia zelako eta, bestetik, gizonezkoek Ternuara egiten zituzten arrantza-kanpainek bi urte irauten zutelako. Rosa Maria Cantinek Bateleras de Pasajes liburua idatzi zuen, 1995ean. Cantinek ikertu zuenez, XVII. mendetik XX. mendera existitu ziren batelariak Pasaian, eta izugarrizko garrantzia izan zuten garaiko ekonomian. Hala, Pasaia bisitatu zuten idazle askoren arreta bereganatu zuten langile haiek. Maiz deskribatu zituzten batelariak, bai idatziz eta bai marrazki bidez ere. Hala ere, inoiz gutxitan islatu zuten errealitatea; izan ere, fantasiazko emakume dotoreen moduan deskribatzen zituzten. Zehazki, XVII. mendearen hasieran agertu ziren batelarien lehen erreferentziak literaturan. Jose Antonio Azpiazu antropologoak ikertu zuenez, behargin haietaz estreinakoz idatzi zutenak izan ziren Pedro Mantuano eta Felix Lope de Vega, Felipe III.aren ezkon-bidaiaren berri ematearekin batera. Donostian eta Pasaian egon zen Felipe III.a, eta Mantuano eta Lope de Vegak honela idatzi zuten: «La naturaleza angelical y la hermosura de las bateleras». Melle Helene Feillet ilustratzaileak irudikatutako batelariak, 1850ean. Batelariak, puntuz puntu Batelarien inguruan informazio gutxi eta nahastua dago, baina jakin daiteke zerbait haietaz. EHUko irakasle Olga Macias historialari gisa aritua da. Gizarte Zientzien Didaktika Departamentuko kide da Macias; bilbotarra izatez, Gorlizeko bizilaguna. Atsegin handiz eman ditu lan hau osatzeko beharrezko xehetasunak, batelarien irudi bat egiteko moduan: «Batelariak hor egon ziren, baina ikusezina da euren lana, emakumeen gainontzeko lanbideekin pasa en moduan». ZEINTZUK ZIREN «Komunitate itxiak ziren, eta, gehienak arrantzaleen emazteak ziren», dio Maciasek. Gaizki ikusitako jarduerak ziren kaikoak; Donostian, esaterako, hiriguneko bizilagunak ez ziren haiekin nahasten. Saregileen kasuan, jakin izan da amatik alabara igarotzen zela lanbidea; batelarienean, berriz, ez dago jakiterik. EUREN LANA Pasaiako batelarien lanik ohikoena zen merkantziak, herritarrak eta animaliak eramatea, badiaren alde batetik bestera; horretaz gain, merkantziak mugitzen zituzten, portura iristen ziren itsasontzi handietatik lehorrera. Gabarrak ere gobernatzen zituzten –barku handiak ziren, lauak, eta, bereziki, sakonera gutxiko lekuetarako ziren; pisu gehiago onartzen zuten–. Gainera, atoi-lana egiten zuten, armadako edo arrantza-kanpainetatik iristen ziren itsasontzientzat, unamekin lotuz ontzi handiak euren txalupetara [Unama espartzuzko soka lodia da; gazteleraz, maroma]. Salmentan ere aritzen ziren, belaontziek karga behar izaten baitzuten, haizearen erruz ez erortzeko; hala, lasta moduan harriak erabiltzen zituzten normalean, eta batelariek saltzen zizkieten. Azkenik, arotzek itsasontziak bukatzean, uretara atera behar izaten zituzten ea flotatzen zuten ikusteko, eta uretaratzeaz ere batelariak arduratzen ziren. 1962. urtean, batelarien omenezko estropada antolatu zuten, lehenaldiz. OARSOBIDASOKOHITZA Leonardo del Castillok argitalpen bat egin zuen 1668an. Felipe IV.ak Donostia eta Pasaia bisitatu zituen, arreba Maria Teresa eta Frantziako Luis XIV.aren arteko ezkontza zela-eta. Idatzi horretan dio batelariak borrokan aritzen zirela, itsasontzietara lehenengo zein iritsiko, horien deskarga egiteko, eta atoi-lana ere aipatzen du. Lope Martinez de Isastik XVIII. mendean idatzi zuen batelariak gizon-itxurako emakumeak zirela, egiten zuten lan gogorra zela medio. Victor Hugo idazle frantziarra harrituta mintzatu zen batelariez, 1843an argitaratu zuen En voyage. Alpes et Pyrinees liburuan: «Adin eta itxura askotakoak ziren, gazteak, zaharrak, ede rrak, itsusiak... denak batera oihuka hasten zirenez, ez nien ulertzen. Azkenean, amarratuta zituzten txalupek argitu zidaten kontua; beraiekin batetik bestera joateko eskaintza egiten ari ziren txalupariak ziren». Zumaian ere izan zen gabarrari bat, senarrak emandako ontzia zerabilena jendea batetik bestera mugitzeko. IZAERA Aipamen anitz daude batelarien izaera oldarkorraren inguruan. «Haien artean ika-mika asko izaten zituztela diote, eta oso lotsagabeak zirela jendearekin. Kaiko emakumeei maiz leporatu izan diete lotsagabetasun eta hizkera txar hori», dio Maciasek. Askok nabarmendu zuten txalupak gidatzeko zuten abilezia, eta su-armak erabiltzeko zuten trebetasuna. Izan ere, frantsesen aurkako gudetan, antza, dinbi-danba aritzen ziren portuan. LEHIAKORTASUNA Maciasek ikertu duenaren arabera, oso ohikoak ziren batelarien arteko norgehiagokak. Agian, itsasontzietara ahalik eta azkarren ailegatzeko zuten lehia harengatik, edo euren artean egindako apustuak medio sortutako estropadengatik. «Kontua da estropada horiek batzuetan herriko San Inazio jaietan jokatzen zituztela. Gerora, ohitura hura galdu egin zuten, eta 1962an berreskuratu zuten». Erregeen aurrean ere estropadak jokatzen zituzten, haien entretenigarri. Hala, Felipe IV.a Espainiako erregearen idazkariak eskatu zien Hondarribia eta Donostiako alkateei, honakoa eskatzeko: hamabi batelera nahi zituela, erakustaldi bat egiteko Madrilgo Buen Retiroko urmaelean, erreginaren gozamenerako. Eskaerak ez zuen aurrera egin, batelarien ezezkoa jaso baitzuten. 1966. urteko argazkia, emakumeak, batelariz jantzita. OARSOBIDASOKOHITZA LAN BALDINTZAK Batelari asko ontzien jabe zirela dio Maciasek: «Gabarretan, bereziki, gizonezkoei laguntzen zieten andreek. Txalupa txikiagoetan, berriz, badirudi emakumeak zirela jabeak». Ondorioz, egunean lortutako bidaia-kopuruaren arabera, momentuan jasoko zuten dirua; hala ere, idatziren batean ageri da enpresari baten menpe ere aritu zirela lanean. «Sumatzen dut batelari bakoitzak bere bezeroak izango zituela, baina ez dut horretaz ezer ere topatu. Soldata zuten bakarrak arrain-saltzaileak ziren, kofradien parte zirelako, baina batelariek ez zuten kofradiekin loturarik, eta ez dakigu ezer ere horri buruz», dio Maciasek. ARROPA D'Aueaulony kondesak ere ideia idealizatu horietako bat sortu zuen batelariez, 1691. urtean, jantzi ederrak soinean ibiltzen zirela esanez. Zetazko arropaz irudikatzen zituzten, eta kapelu handiak buruan. Antza, lastozko txapelak bai erabiltzen zituzten, eguzkitik babesteko, garai hartan ohikoak baitziren. Kortsea, ordea, goi mailako andreen kontua zen, herritarren artean ez zen existitu ere egiten. GAITZESPENA Mitologia tarteko, batelariengana ere iritsi zen Elizaren gaitzespena. De Lancre izeneko inkisidoreak, 1622an, Zugarramurdiko sorginen aurka aritu zen gizon berak ekarri zuen zentsura. De Lancrek zioenez, batelariek akordio bat zuten deabruarekin, mareak aldatu eta ekaitzak erakartzeko. Aldi berean, mitologiak zioen emakumezko biluziek ekaitzak aldendu zitzaketela. Arrazoi horrengatik, gerritik gora biluztutako emakumeen irudiak egoten dira, askotan, itsasontzien branketan. NOIZ ARTE LAN EGIN ZUTEN? 1920 arte topa daiteke batelarien aipamenen bat. Zehazki, 1917an, baporezko motorrak sortu zituzten, eta erraztasun handiagoa lortu zuten itsasontziek kaietan sartzeko. Hori dela eta, ordutik gutxika desagertu zen batelarien lanbidea. 1967. urteko estropada bat. OARSOBIDASOKO HITZA Gaur egun, ehun lagun baino gehiagok parte hartzen dute batelarien desfilean. OARSOBIDASOKO HITZA TRAINERUAN ERE BAI Txingudiko Bandera da emakumeen traineru lehien aurrekari nagusia; eta benetako bultzada 2008an iritsi zen. Bateletan eta trainerilletan ibilbidea egin ostean, emakumeak ere traineruan arraunean egitera iritsi dira, baita lehia ofizialak jokatzera ere. Topatutako datuen arabera, Txingudiko Bandera izan zen emakumeen traineruek jokatutako lehen estropada, 2005eko irailean. Hondarribian jokatu zuten, eta Kantauri itsasoan aitzindaria izan da. Cabok irabazi zuen lehen bandera hura; hemen, sailkapena: Cabo da Cruz (8:07), Txingudi -Hondarribia, Irun, Hendaia (8:10), Isuntza (8:42), eta Urola Kosta -Orio, Getaria, Zumaia- (9:07). Estropada hura ziaboga bakarrekoa izan zen, eta bi zatitan jokatu zuten; lehenengo, bi txanda egin zituzten, finala nork jokatuko zuen erabakitzeko; ondoren, beste bi txanda jokatu zituzten, bandera eta azken sailkapena erabakitzeko. «Ikusle asko bildu ziren, gizonezkoen estropada askotan baino gehiago. Espero dezagun esperientzia honek balio izan dezala beste klub batzuek emakumeen traineruak osatu ditzaten, eta datorren urtean estropada gehiago egon daitezen», dio Hondarribiako klubak egun hartan osatutako kronikak. Tolosa-Getariaren trainerua, 2010eko Debako Banderan. JOXEMARI OLASAGASTI ARRUTI Hain zuzen ere, Hondarribiak antolatu zuen estropada hura, Hondarribia, Irun eta Hendaiako udalen babesarekin, eta denborak hartzeaz arduratu zen Gipuzkoako Arraun Federazioa. Bitxia da ikustea nola lehen estropada hartan arraunlari bakoitza bere klubeko arroparekin atera zen, traineru beraren barruan. 2006an Txingudi Eguna ospatu zuten, eta bi traineruren arteko estropada egin zen. Hondarribiak irabazi zuen (14:02) eta Isuntza 44 segundora geratu zen. Ondorengo zazpi urteetan jokatu zuen berriro ere Txingudiko Bandera. 2007an eta 2008an Hondarribiak irabazi zuen; 2009, 2010 eta 2011 urteetan, Getaria-Tolosak; 2012an, Zumaiak; eta 2013an, Hibaikak. Gipuzkoako Traineru Liga sortu zutenetik, 2010ean, ligako jardunaldi bilakatu zuten. Distantziak Euskadiko Arraun Federazioaren araudia jarraituz, gizonen distantzia berak egin zituzten emakumeek hasierako lehia ofizialetan; hau da, 3 itsas milia, hiru ziaboga eta lau luzerekin. Hala ikus daiteke 2009ko Euskadiko Traineru Txapelketako eta 2010eko Gipuzkoako Traineru Txapelketako emaitzetan. Ondoren, klubek hala erabakita, gizonen ibilbidearen erdia egiteari ekin zioten, gaur egun arte. 2009ko Euskadiko Txapelketa hura Hondarribian izan zen, eta hau izan zen sailkapena: Getaria-Tolosa (23:06'47); Zumaia (23:56'51); Arkote (24:03'24); Hondarribia (24:26'94). 2010eko Gipuzkoako Txapelketa Donostian izan zen, Kontxako badian, eta hauek izan ziren denborak: Zumaia (24:22'32); Getaria-Tolosa (24:53'16); San Juan (25:44'12); Orio (27:35'18); Hondarribia (27:40'16). Estropada ofizialen ibilbidea Emakumeen traineruko lehiak 2008an hasi zituzten, esan bezala. Garai hartan, arraunlari eskasia zela eta, selekzioen moduan funtzionatu zuten: Galizia, Gipuzkoa eta Bizkaia. Hala, selekzio bakoitzak inguruko klubetako arraunlari onenak batzen zituen. 2008an Zaragozako Expo-ra joan ziren erakustaldi bat egitera. Izan ere, gizonekoen TKE San Miguel Ligak 5 urte bete zituen, eta lehen estropada han jokatu zuten. Emakumeen trainerua elkarte hauetako arraunlariekin osatu zuten: Hibaika, Getaria, Zumaia, Tolosaldea eta San Juan. Maite Zunzunegi izan zen Gipuzkoako selekzio hartako entrenatzailea. San Juango arraunlariak, 2014an, Kontxan irabazitako garaikurrekin garaipena ospatzen. LIDE FERREIRA Urte hartan bertan, Emakumeen Kontxako lehen bandera jokatu zuten. Kontxako Lehen Banderan hauek izan ziren finalistak: Galizia, Astillero, Getaria-Zumaia eta Hondarribia. Irailaren 14an izan zen, 11:00etan. Galizia izan zen txapelduna eta 11:35:80ko denbora egin zuen. 2010ean, kataluniarrek eta valentziarrek ere parte hartu zuten Kontxako Estropadan; bigarren eta hirugarren urte horietan izan zuen indarrik handiena lehia hark. Lehenengo bost urteetan galiziarrek irabazi zuten, Rias Baixas. 2013tik aurrera gipuzkoarren gorakada hasi zen; Zumaiak irabazi zuen urte hartan bandera, eta hurrengo bi urteetan, San Juanek. 2015ean, hamaika talde aurkeztu ziren sailkatze estropadara: Zumaia, Hibaika, Orio, San Juan, Cabo, Zarautz-Getaria, Donostia, Chapela, Hernani, Oiartzungo Itsaslapurrak eta Colindres. 2008, 2009 eta 2010ean sailkatze estropada egin zuten, eta ondoren, jardunaldi bakarra. Ondorengo urteetan, gizonezkoen formatu bera hartu zuen, eta egun beretan jokatzen dira lehiak. Iraileko lehen igandearen aurreko ostegunean izaten da sailkatze estropada, eta ondorengo bi igandeetan, dagozkien bi jardunaldiak. Hori bai, lau traineruk izan dute bertan parte hartzeko aukera, orain arte. Aurten, ordea, lehen aldiz, gizonezkoenarekin parekatuko dute, eta zortzi traineruk parte hartuko dute. Euskotren Liga 2009an sortu zuten. Lau trainerurentzako lekua izaten du, eta gizonezkoen TKE ligako estropadekin batera jokatzen da. Selekzioak osatuta jokatu zuten lehen urte hartan, eta hau izan zen sailkapena: Galizia (30 puntu), Gipuzkoa (21), Bizkaia (19) eta Katalunia (7). 2010ean, Gipuzkoako selekzioak irabazi zuen, eta bere atzetik geratu ziren Galizia, Bizkaia eta Kantabria. 2011n, selekzioak alde batera utzi, eta klubetako traineruak osatu zituzten lehen aldiz, ligarako. Getaria-Tolosa izan zen txapelduna lehen urtean, eta hurrengo sailkatuak, hauek: Galizia, Zumaia eta San Juan. 2012an Zumaiak irabazi zuen, eta bere atzetik geratu ziten Rianxeira-Mecalia, Getaria-Tolosa eta San Juan. 2013an: Zumaia, San Juan, Hibaika eta Orio. 2014an, San Juan, Hibaika, Zumaia eta Samertolameu. 2015ean, San Juan, Zumaia, Hibaika eta Orio. Gipuzkoako Traineru Liga 2010ean antolatu zuten, lehen aldiz. Hala, 2016an ligaren zazpigarren urtea izaten ari da. Gipuzkoan zeuden emakumezkoen traineruei estropadak jokatzeko aukera emateko sortu zuten liga. Getaria-Tolosak eta Zumaiak bina Liga eskuratu dituzte, eta 2014an txapelduna San Juan izan zen, eta, 2015ean, Zumaia. Euskotren Ligarako sailkatzen direnek ere aukera dute Gipuzkoako Ligan parte hartzeko, baina, batzuetan, bat egiten dute bi ligetako jardunaldiek. Aurten, bitan gertatu da, eta estropada horiek ez puntuagarriak egin dituzte, bandera jokoan egon arren. Urteek aurrera egin ahala, emakume geroz eta gehiagok egin dute bat arraunarekin. Kasu batzuetan bi klub elkartu behar izan diren arren, klub bat baino gehiago dira euren traineruak osatzera iritsi direnak, pixkanaka-pixkanaka. EMAKUMEAK ETA ITSASOA Batelariez gain, asko izan dira itsasertzean emakumeek betetako lanbideak: zirgariak, arrain-saltzaileak... bereziki historian ezkutuan geratutako lan gogor horien aitortza egin du Donostiako Ontzi Museoaren erakusketak: ‘Emakumeak eta itsasoa’. Emakumeen eta itsasoaren inguruko erakusketa bat zabaltzeko gogoa aspalditik zuten Ontzi Museoko arduradunek. Hain zuzen, museoak helburutzat du laguntzea itsas ondarea berreskuratzen, kontserbatzen eta aztertzen; eta, aldi berean, horri guztiari behar duen zabalkundea ematea. Hala, hutsune nabaria zegoen itsasoari lotutako historian emakumeek bete izan duten funtzioan; hori osatze aldera zabaldu dute Emakumeak eta itsasoa erakusketa. Azken batean, lehorreratu egin dute itsas azpian hor nonbait galdurik zegoen altxorra, esker eta aitortza gisa. Gainera, arreta berezia jarri diote euskal kostaldeari. Eraikinaren bi solairuetan banatu dute erakusketa; beheko zatian mitologia eta fantasia arloa agertu dute, batez ere; goiko pisuan, berriz, lanbideen inguruko alderdi serioagoari egin diote tartea. Beraz, honako ataletan banatu dute erakusketa: Itsaslamiak, birjinak eta sorginak; Emakumeak eta itsasontziak; Piratak eta kortsarioak; Portuko lanak: batelariak, kargaketariak eta zirgariak; Arrantzaren inguruan; Itsasoko bainuak eta Uretako kirolak. Agerian uzten dute atal guztiek andrazkoen eta itsasoaren arteko harremana, lan-munduan zein aisialdian eta kirolean. Material asko topa daiteke museoan: grabatuak, margolanak, argazkiak, jantziak, kartelak, liburuak, aldizkariak... dena, panel eta guzti osatuta. Ontzi Museoarenak eta beste erakunde batzuek edo norbanakoek maileguan utzitako piezak dira. EHUko irakasle Olga Maciasen aholkularitza historikoa izan dute, eta Elena Odriozola ilustratzaile donostiarra arduratu da erakusketaren diseinu grafikoaz. Dora Salazar artistak, zirgarien omenez, 2011n egindako eskulturaren proiektua. ESTITXU ZABALA Debekuei aurre eginez Alor garrantzitsuetan egon dira emakumezkoak itsas eta arrantza-komunitatean. Euren figura funtsezkoa izan zen kaietan eta arrantzan: batelari, zirgari eta zamaketari lanetan. Horretaz gain, etxe eta familiaren zaintza eta etxeko ekonomia batuz, bestelakoak ere egiten zituzten: arrainaren deskarga, enkantea eta salmenta, eta kontserba-fabriketako eskulana. Aipatutako lanbide batzuk berez ez ziren emakumeek egin beharrekoak, oso gogorrak zirelako; esaterako, zirgariena. Soka luze batetik tiraka, zirgariek ontziak mugitzen zituzten kaian barrena, eta oso ohiko eginkizuna izan zen XIX. mendeko Bilboko itsasadarrean. Karlistaldietan, gizonek utzitako hutsunea estaltzeko, emakumeek hartu zuten ardura astun hori. Mito eta sineskeria ugarik nahasten dituzte emakumeak itsasoarekin. Sineskeria zabalduenetakoa da emakumeek ontzi barruan ekar zezaketen zorigaiztoarena. Hala ere, XVI. mendean Ameriketara bidean abiatzen ziren itsasontzietan baziren andrazkoak. Laguntzaile bezala, edo gizonezkoen arropaz jantzita. Pirata legez ere ibili ziren, eta partaide izan ziren ontzigintzako negozioetan, kortsario-jardunetan eta arrantzaldietan ere bai. Ezagunenetako bat izan zen Katalina Erauso, 1585ean Donostian jaiotako moja. Hamabost urterekin abituak kendu eta, gizon mozorrotuta, hainbat abentura bizi izan zituen, tartean, itsasontzietan marinel gisa. Gizarteak aurrera egin ahala, erronka berriekin topatu dira andrazkoak, eta debekatuak zituzten lan eta kirolen parte bihurtu dira. Enpresa eta kofradien kudeaketan daude; eta bela, surf edo arraun lehiaketetan dira protagonistak. Batelariak, Ontzi Museoaren atarian. ONTZI MUSEOA «ERAKUSKETA INTERESGARRIA, ERAKARGARRIA ETA ARINA IZATEA NAHI GENUEN» JOSE MARIA UNSAIN MUSEOKO ZUZENDARKIDEA Nolatan erabaki duzue emakumeei eskainitako erakusketa bat egitea? Aurretik landu gabeko gaia zen, Euskal Herrian behintzat. Betidanik genuen buruan, eta hutsunea genuen hor. Gainera, orain, nazioartean, badago emakumeen inguruko memoria historikoa berreskuratzeko mugimendu moduko bat. Emakumeak arlo guztietan egin duen lana ikusarazteko beharra zegoen, aitortza moduan. Helburua finkatuta. Islatu nahi zenutena agerian utzi duzue? Erakusketa interesgarria, erakargarria eta arina izatea nahi genuen. Leku falta dugu, askoz erakusketa zabalagoa egin genezakeen. Edonola, benetan bilatzen genituen piezak topatu ditugula uste dut, zegoen gutxia lortu dugu. Zirgarien lana edo marisko-lanarena islatzeko kontu kuriosoak ekarri ditugu. Esfortzu fisikoaz ezer gutxi dago; emakumeak ikus daitezke sareak eramaten, txaluparen bat deskargatzen... argazkietara jo dugu. Zuen jakinduria zabaltzeko balio izan dizue? Niri, behintzat, bai. Ikerketa bazuen laguntza izan dugu. EHUko irakasle Olga Maciasek egindakoa, adibidez; Jose Antonio Azpiazu, Jose Maria Merino... Aurten, gainera, Ontzi Museoak 25 urte betetzen ditu. Erakusketa hau ez dugu bereziki 25. urteurrenagatik sortu, egiteko genuen erakusketa garrantzitsu horietako bat zen. Urteurrenaren harira hainbat jarduera egin ditugu: Elena Odriozolak zuzendutako ilustrazio tailer bat egin genuen: Atzegiko margolariek museoan abestu zuten; Pasaiako batelariek zortzikoa dantzatu zuten, lehen aldiz, Donostian, museoaren aurrean. Kontu horiekin batera, museoak eta genero ikuspegiari buruzko hausnarketa tailer bat ere antolatu genuen. Mokadu bat ere egin genuen hainbat lagunekin: laguntzaileak, ikertzaileak, piezak dohaintzan eman dizkigutenak... Gonbidatu nahi dugu museoarekin kolaboratu duen jende guztia: materiala utzi dutenak, erakusketetan laguntza eman dutenak, ikerketetan elkarlanean aritu direnak... zerbait argitaratzea ere interesgarria izango litzateke, baina oraindik ez dugu ezer erabaki. Zein izan da museoaren ibilbidea? Betidanik esaten dugu inauguratu genuenean bitrina batzuk hutsik zeudela, denbora faltagatik. Museoak ez zuen ia jabetzarik, hutsetik hasi ginen, eta lan asko egin dugu, erakusketez gain, ondarea berreskuratzeko: liburutegia, grabatuak, margolanak, material etnografikoa, material arkeologikoa, postalak, kontserbaontzi zaharrak... Ikerketa-arloan ere asko murgildu gara, Itsas Memorian, Euskal Herriko itsas gaiei buruzko aldizkaria; 600 orrialde inguru ditu, eta jende ugarik kolaboratzen du. Ondasunen berreskurapenean ere aritu gara; museoak 30 itsasontzi ditu, Pasaian, zaharberritze-prozesuan. Nahiko pozik gaude egin dugun lanarekin, gehiago egin genezakeen, baina baliabide ekonomiko gutxi izan ditugu hasieratik. Etorkizunera begira zer lortu nahiko zenukete? Euskal Herriaren historian itsasoak izan duen garrantzia islatzeko, ez da nahikoa orain dugun lekua. Euskal Ontzi Museo batean pentsatu izan dugu. Proiektu bat egin genuen museoa Pasaian egiteko, zoragarria, baina krisi ekonomikoa iritsi zen, eta ez genuen lortu. Proiektu hori errealitate bihurtzea nahi dugu. «GUK IREKITAKO BIDEARI ESKER, BADABILTZALA IKUSTEA OSO POLITA DA» MAITE ZUNZUNEGI ARRAUNLARI ETA ENTRENATZAILE OHIA Pasioz beteta hitz egiten du arraunaz Maite Zunzunegik (Pasai Donibane, 1959), eta ez da gutxiagorako ere, badu zer kontatu eta, arraunari urteak eskaini ostean. Aulki mugikorrean arraunean hasi ziren lehen emakumeen artean dago Maite Zunzunegi, Koxtapeko emakumeen traineruko lehen entrenatzailea izan zen, eta urte mordoa darama batelarien omenezko estropadan parte hartzen. Batelariak arraunlariak ziren ofizioz, baina ez kirolariak. Haien lekukoa hartuz, ordea, asko dira gaur egun arraunean dabiltzan neskak. Emakumeen arraunaren hastapenez, ibilbideaz eta etorkizunaz aritu da Zunzunegi, gustura asko. Nolatan hasi zinen arraunean? 1970eko hamarkadan hasi ginen, orduan hasi ziren klubean aulki mugikorrarekin. Herrian kirola egiteko aukera gutxi genuen orduan, eta batzuek ikusita animatu ginen. Hasitako gehienek segituan utzi zuten, eta hiru geratu ginen. Garai hartan ez zegoen emakumeentzat estropadarik, eta gogoratzen dut, 1973an, Bordelera joan ginela. Beste biak seniorrak ziren, eta scull bikoitz batean atera ziren; ni kadetea nintzen, hamaau urte nituen, eta skiff batekin ibiltzen nintzen. Bezperan, Urkira joan ginen entrenatzera, eta entrenatzailea lehorretik ibili zen zuzenketak egiten. Entrenatzen ari ginela, Burnizko Zubitik harri bat bota zidaten, eta besoa handituta izan nuen. Ez nuen estropadarik egin behar hurrengo egunean, nire mailan ez zegoelako, baina eskua handitua izan nuen egun batzuetan. Pentsatzen dut betiko bihurriak izango zirela, ez zidatela egin emakumea izateagatik. Zein harrera izan zenuten klubeko arraunlarien aldetik? Nola moldatzen zineten entrenatzeko? Ondo hartu gintuzten. Atletismo klub bezala hasi zen Koxtape. Lehen Iberdrola zegoen lekuan, egin baino lehen, pista bat egin zuten, eta klubaren izena hortik dator, marea igotzean, pista desagertu egiten zelako. Urkikoek ere asko entrenatzen zuten hor, eta baten batek ontziren bat utzi, eta atletismo egiten zuten batzuk arraunean hasi ziren. Lehenengo, aulki mugikorrean, eta, gero, traineruan. Orain zinema dagoen tokian, katekesia zegoen; gimnasio tankerako zerbait jarri zuten, eta hor aldatzen ginen. Lehenengo iristen zena aldatzen zen aurretik, eta denentzako txalupak ez zeudenez, zain egoten ginen, besteek entrenatzen zuten bitartean. Herrikoek zer zioten? Aulki mugikorra berria zen, eta orduko gizonek –gehienak traineruan ibilitakoak– esaten zuten «deporte de señoritas» zela. Aurretik zer ezagutzen zenuen arraunaz? Gogoratzen naiz, batez ere, Kontxako estropadez. Urteren batean herriko bapore-ontzi batean joan ginen estropadak ikustera. Banituen arraunean ibilitako osabak ere, batez ere bat. Ur ondoan bizi gara eta beti ikusi dugu jendea arraunean, beraz, asko bizi dugun kirola da arrauna. Estropadarik izan gabe, nola lortzen zenuten arraunean jarraitzeko indarra? Nirekin hasitako beste biek segituan utzi zuten, eta horietako bat eskubaloian jokatzen hasi zen. Nik entrenatzen jarraitzen nuen arraunean, baina eskubaloia ere egiten nuen, bereziki neguan izaten baitzen. 1977an, arraunean, Espainiako Federazioaren Trofeoa jokatu nuen, eta apirilean, beste zerbait; baina estropada gutxi izaten genituen. Gogoratzen dut, 1974an, Madrilera ere joan ginela, San Juan lakuan haur eta kadete mailakoen bilkura egiten zutelako. Han, badakit mutilen aurka aritu nintzela arraunean. Pixkanaka gehiago elkartu zineten, eta 1982an zortzikoa ere osatu zenuten, ezta? Bai, 1981ean Euskadiko Txapelketa antolatu zuten Soustonen, eta hara joan ginen zortzikoarekin. Txapelketa izateko lau txalupa behar zirela zioten; eta hori, beraz, ez zen txapelketa, baina guk Baionakoen aurka jokatu genuen, eta irabazleak izan ginen. Baionakoek ezin zuten sinetsi, arazoak izan zituztela esan zuten, eta berriro jokatzeko. Federazioak esan zigun nahi bagenuen berriro jokatzeko, baina estropada guk irabazi genuela, eta trofeoa gurea zela. Eztabaidak izan genituen, eta, azkenean, berriz egitea erabaki genuen. Berriro ere azkarragoan izan ginen, eta estropada bukatzean txalotu egin gintuzten. Beraiek askoz esperientzia gehiago zuten, eta gu baino askoz hobeak izango zirela pentsatuko zuten. Urte askoan aritu zinen arraunean? 1980ko hamarkadan neska dezente ginen, eta nik 1986an utzi nuen. Oraindik ez zegoen batel ligarik, gerora hasi zen. Zuzendaritzan eta entrenatzaile moduan ere aritu nintzen; senarra ere hor zegoen, eta ia beti ibili gara tartean. Emakumeen traineruko lehen estropadak 2008an iritsi ziren, ezta? Bai, Zaragozara joan ginen Gipuzkoako arraunlariak Bizkaiaren aurka erakustaldi estropada jokatzera, Expoa zela-eta. Ni izan nintzen Gipuzkoako entrenatzailea. Han ginela, hilda dagoen Gipuzkoako federazioko presidente Josetxo Etxeberriak esan zidan: «Elkartzen bazarete, gutxienez, klub bateko eta besteko arraunlariak elkarrekin, antolatuko dut txapelketaren bat». Hortik aurrera, lehenengo Kontxa ere antolatu zuten, urte hartan bertan. Aurretik jokatu zuten Txingudiko bandera, eta hemengo arraunlariak ere egon ziren. 2010ean egin zuen San Juanek apustu sendoa, emakumeen trainerua uretaratzeko. Nolakoa izan zen hasiera hura? Bai, bitarte horretan, 2008an eta 2009an, nirekin bateletan zebiltzan neskak Hondarribira joan ziren traineruan ibiltzera. 2010ean, dena aldatu zen, zuzendaritzan ere jende gaztea sartu zen, eta aldaketa asko egon ziren klubean. Kosta zitzaigun trainerua osatzea, arraunlariekin eskas genbiltzalako, baina atera genuen. Gogoratzen dut Deban egin genuela lehen estropada, eta ondo. Kontxako sailkatzea ere jokatu genuen, nahiz eta ez sailkatu. Ordutik jarraitzen du traineruak, baina nik urte hori bakarrik egin nuen. Traineruaren izena Batelerak izan da hasieratik. Oso argi zuen hori klubak? Bai. Betidanik entzun dugu beraietaz, eta aspalditik jokatzen dugu estropada euren omenez. Badakigu, motorrak ez zeuden garaian, hemengo gizon gehienak itsasora joaten zirela lanera, eta emakumeek eramaten zituztela hemendik San Pedrora edo Antxora bisitariak. Baporeak ere beraiek hurbiltzen zituzten, atoi-lana eginez. Beraientzako lana zen, gerora kirol bihurtu dena. Orain klubeko neskak noraino iritsi diren ikusita, zer pasatzen zaizu burutik? Poza. Ikusten duzulako guk hasitako hura, erdi ezjakinean, bihurtu dela garrantzizko zerbait. Orain neska pila bat dabiltza, maila guztietan, irabazteak animatzen baitu. Egun, jendeak normalagotzat jotzen du neskak arraunean aritzea, lehen beti entzuten genuen «marimutil» edo halakoren bat. JOXERRA MIKEO Egun herriko arraun elkartearekin zein lotura duzu? Semea aurrekalari [brankari, aurreko; traineruaren brankan arraunean egiten duen kidea, tosta-kiderik gabe aritzen da] dabil San Juango traineruan; eta beste semea, iaz, Oiartzunen ibili zen. Klubean orain ez dut ia loturarik, baina senarra ere beti dabil gauza bat edo bestea egiten. Badira urte batzuk herriko jaietan batelariak omentzen dituzuela, San Inazio egunean. Zu noiz hasi zinen egun horretako estropadan parte hartzen? 1974an hasi nintzen parte hartzen batelarien estropadan, arraunean ari nintzenean, nirekin arraunean zebiltzan beste bi lagunekin. 1973tik 1987ra urtero atera nintzen. Gero, 1988an, lehen semea izan nuenez, utzi egin nuen; eta 1998an itzuli nintzen. Harrezkero, urte pare batean egingo nuen huts. Bereziak dira batelarien txalupa horiek, ezta? Pentsatzen dut bere garaian batelariek erabiltzen zituzten ontziak handiagoak izango zirela. Orain, bi istriborretik joaten dira, eta bat ababorrean, erdian. Patroia ez da patroi arrunta, erdi arraunean joaten baita, bi aldeetako indarra orekatzeko. Hasi zirenean, batelikoak egurrezkoak ziren, arrantzaleenak ziren, eta bakoitzak lortu behar zuen bere batelikoa eta arraunak. Utzi ziguten lehen batelikoak, adibidez, aurrean ez zuen toleterarik, eta senarrak egin zidan bat. Urteetan poltsa batean ibili nuen, atzera eta aurrera. Zuntzezko batelikoak egitea lortu zutenean, lokaletan gordetzen zituzten, eta gaur egun, klubean gordetzen dituzte. Yola elkartea da estropada antolatzen duena, eta bereak dira txalupak. Nola bizi duzue herrian San Inazio eguna? Oso polita izaten da. Herriko sarreran elkartzen gara, Meipin. Desfile bat egiten dugu, herriko bandarekin; emakume batzuk batelari jantzita, eta bere koloreko jantziekin, arraunean egin behar dugunak. Azken urteetan, arrosa kolorez jantzita joaten da aurreko urteko txapelduna. Gero, batelarien zortzikoa egiten dute, sari-banaketa eta bazkaria egiten ditugu, plazan bertan. Iaz, hamazazpi ontzi inguruk parte hartu genuen, eta 1.000 metro inguruko estropada egiten dugu. Emakumeek bakarrik parte hartzen duzue estropadan edo gizonak ere egoten dira? Hasieran, arraunlariak emakumeak izaten ziren, eta patroia gizonezkoa. Behin esan genien Yolakoei emakume batekin atera nahi genuela patroi, eta tradizioa ezin zela aldatu esan ziguten; ¡Hola! aldizkariko artikulu batean atera zuten, gainera: 'Tres señoritas y el patron'. 1982an edo izan zen hori, eta hurrengo urtean, lortu genuen emakume patroi batekin ateratzea. Orain, taldekideek aukeratzen dute patroi emakume edo gizona izan; eta antolatzaileek nahiago dute emakumeak ateratzea. Hamasei urtetik gorakoek parte har dezakete, eta gazte asko hasi dira. Nola ikusten duzu emakumeen arraunaren etorkizuna? Ona. Bueno, ez hain ona, Zumaia aurten trainerurik gabe geratu delako. Hala ere, hor daude Hernani, Donostia... eta uste dut momentu honetan etorkizuna ona dela. Jendeak irabazten duten taldeetan sartu nahiko du, horrek asko erakartzen duelako. Baina herrietan giro ona biltzen bada, eta fundamentuz entrenatzen badute, traineruek segida ona izango dutela iruditzen zait. Beti izaten dira boladak, gizonezkoetan ere bai, eta Kontxak jendeak jarraitzeko pisu handia duela uste dut. Beti ezagutu dugu estropada hori, eta hor arraunean egiteko aukera izatea oso polita da. Guk ezin izan genuen Kontxan atera, baina guk irekitako bideari esker, orain badabiltzala ikustea oso polita da. «PENA DUT ARRAUNLARI GISA EZ BIZITZEAGATIK GARAI HAUEK » MAIKA TAMERON ARRAUNLARIA ETA HIBAIKAKO ZUZENDARITZAKO KIDEA Begiak bustitzen zaizkio Maika Tameroni atzera begiratzen duenean; urteak daramatza arraunari lotuta, eta gogor borrokatu du emakumeek traineruan euren lekua izateko. Errenterian jende guztiak ezagutzen du Maika Tameron (Paris, 1967); arraunagatik ez bada, beste mila konturengatik: «Beti ibili naiz saltsa askotan sartuta herrian». Hibaikako lehenengotako emakume arraunlaria izan zen, bere anaiak bultzatuta; orain, lehorretik bada ere, bere bihotzeko klubarengatik lanean jarraitzen du. Nolatan hasi zinen arraunean? Herrian osatu genuen areto futboleko emakumeen lehenengo taldea; eta bertan jokatu nuen, 23 urteak arte. Nire anaia Hibaikan arraunean hasi zen, eta nesken lehenengo batela osatzeko patroi bat behar zuten. Niri proposatu zidaten, gutxi pisatzen nuela-eta, eta horrela hasi nintzen, 26 urterekin, orain arte. Hibaikak emakumeen traineruaren aldeko apustua egin zuen. Nola oroitzen duzu hasiera hura? Lana, sekulako lana! Ni zuzendaritzan nengoen jada, eta ikusten genuen sekulako aukera genuela, arraunlariak bagenituelako. Arazoa zen ez genuela ez dirurik ezta trainerurik ere. Traineru bakarra genuen, mutilen taldeak erabiltzen zuen, eta partekatzea ezinezkoa zen, ez da futbol zelai bat. Dezente elkartu ginen lehen urtean, 2011n, trainerua ateratzen saiatu ginen, baina ez genuen lortu. Azkenean truke bat egin genuen Zumaiarekin, Hibaikako bost neska Zumaiara joan ginen, eta Zumaiako mutil batzuk gure trainerua osatzera etorri ziren. Gero, 2012an, bigarren eskuko traineru bat erosi genuen. Denen artean jarri genuen dirua, eta horrela hasi ginen. Lehenengo estropada Kaikuk antolatutako jaitsiera izan zen, Bilbon, eta irabazi egin genuen. Niretzat, arraunlari gisa, izan zen... [hunkituta] Oso polita izan zen gure trainerua uretan ikustea, lorpen hori iristeko bidea gogorra izan baitzen. Klubean, adibidez, beti egon gara neskak, eta bebes handia izan dugu. Baina arrauna gizonen mundua da, eta bilerak federazioan eta ligetan... ez dira errazak. Badirudi emakumeek hor egoteko jenio txarra izan behar dugula, eta norbaitek entzuteko ozenago hitz egin behar duzula. Orain emakume gehiago etortzen dira bileretara, zuzendaritzetan jende gazteagoa sartu da, eta giroa aldatu da. Traineruaren lehenengo urteak gogorrak izan ziren, orduan? Oso politak. Lehengo Euskotren Ligan sartzen saiatu ginen, eta ez genuen lortu. Gero, Gipuzkoako Ligan sartu ginen, eta Lekeition bandera bat irabazi genuen, lehenengoa, Kaikukoan ez baitzen banderarik egon guretzat. Ilusioz bete ginen, eta erabaki genuen hurrengo urtean gorago joatea. Horretarako, hobeto prestatu behar genuen, eta material hobea lortu behar genuen. Nik 2012an utzi nion Hibaikan arraun egiteari, traineruan denboraldi bat eginda. Pena badut, arraunlari gisa oraingo garaiak ez bizitzeagatik, baina horrela ere gustura nabil. Hasiera hartan egon nintzen! Zaragozako Expoan parte hartu nuen, Gipuzkoako patroi bezala; lehenengo Kontxan, 2008an, patroi lanetan ibili nintzen, kataluniarrekin. Herrian, gainera, Errenterian, zaletasuna lortu duzue. Bai, herrian izugarria da! Lehen hemen jende guztia zen San Juanen edo San Pedroren aldekoa. Bat-batean ohartu ziren arraun klub bat zegoela herrian, eta, gainera, emakumeen trainerua zuela. Lortu dugun zaletasuna ez dut uste arraunagatik izan denik, baizik eta herriko taldea delako, eta, gainera, neskena. Beraiek dira herriaren izena zabaltzen ari direnak, eta zaleek oso ongi erantzuten dute. Sare sozialak sutan izaten ditugu askotan, eta kaletik jende askok geratzen gaitu zoriontzeko. Beste maila batean, baina arraunean jarraitzen duzu, gainera. Bai. Iaz Zarauzko beteranoekin hasi nintzen arraunean, eta, orain, Fortunako beteranoekin ibiltzen naiz. Desberdina da, astean hiru aldiz entrenatzen dugu, eta erritmoa lasaiagoa da. JOXERRA MIKEO Zer moduz ikusten duzu gaur egungo emakumeen traineruen antolaketa? Orain arte pausoak eman dira. Kontxan, adibidez, lehenengo urtean, sailkatzea larunbatean jokatu zuten, eta finala igandean. Oraingo ligak baliagarriak dira emakumeen arraunak presentzia izateko. Telebistan ez bazaude, adibidez, badirudi ez zarela existitzen. Nire ustez, liga bat egin behar da, traineru guztiekin, denak batera eta baldintza berekin. Aurten, Kontxan gertatuko den bezala, zortzi traineru egongo dira, eta hori da logikoena orain. Moduren batera hasi behar genuen traineruan, baina urteak generamatzan arraunean; ni 1993an hasi nintzen, eta nire aurretik bazebilen jendea. Batzuetan badirudi duela bi egun hasi garela arraunean emakumeak, eta ez da horrela. Etorkizun oparoa ikusten diozu orduan emakumeen arraunari? Harrobia badago, eta etorkizuna ziurtatua du. Ez dakidana da konturatzen diren zenbat borroka egin behar izan dugun, eta ez bakarrik emakumeek, baita gizonek ere, iristeko gaur egun gauden tokira. Ez dela Eusko Jaurlaritzak edo Aldundiak esaten duelako parekidetasuna egon behar dela, baizik eta atzetik jende askok borrokatu duelako; feministak, feministak ez direnak, kirolariak eta kirolariak ez direnak. Zumaiak aurten trainerurik ez ateratzea, adibidez, pena handia izan da. Nik Hibaikan hasieratik esan nien gauzak ongi egin behar genituela, ezin garelako geratu nesken trainerurik gabe. Mutilekin ere esfortzua egiten dugu, eta biak uretan ditugu. «ARRAUNLARIAK ZAINDU EGIN BEHAR DIRA, EZ ERRETZEKO» ATSEGIN ODRIOZOLA ZUMAIAKO ARRAUNLARIA Zumaiako arraunlaria da Atsegin Odriozola (Zestoa, 1991); emakumeen traineruen historian hasieratik egon den horietako bat; tostak bi urtez utzi, eta aurten itzuli egin da. Atsegin Odriozolak 2013an utzi zuen arrauna, Zumaiarekin Kontxako Bandera irabazi ostean, «Asko kostatako erabakia hartuta»; denboraldi honetan, berriro itzuli da. Hain justu ere, Telmo Deun trainerua lehorrean geratu den garai berean. Klubari bultzada emateko asmoz heldu dio arraunari berriro ere. Bateletan lehiatu da, eta dominak lortu ditu bere taldekideekin, Gipuzkoako ligan eta txapelketan. Nolatan hasi zinen arraunean? Gaztetan hondartzara beti Zumaiara joaten ginen; bertako klubean lagun baten aita zebilen entrenatzaile. Lagun batekin batera hasi nintzen, 15 urterekin, kadeteak ginela. Batel denboraldi oso politak egin genituen; trainerilletan ere ibili ginen aurrerago. 2008an, Gipuzkoako selekzioa osatu eta traineruarekin Expo Zaragozara joan ginen, erakustaldi bat egitera, eta hor hasi zen traineruaren kontua. Zazpi urte egin nituen jarraian, baina 2013an Kontxa irabazi eta uztea erabaki nuen. Bi urtez geldirik egon, eta berriz hastea erabaki dut. Kontxa irabazi zuen lehen euskal taldea izan zineten. Horraino iristea, ordea, ez zen lan erraza izan. Ez. Gogoratzen naiz Expo Zaragozako trainerua osatzeko elkartu ginela Gipuzkoako lau batel indartsuenetako arraunlariak. Hilabetez San Juanen entrenatu genuen, eta taldea osatu genuen. Komunikabideen aldetik indar handia eman zioten kontuari, eta Kontxan ere emakumeen txanda osatzea erabaki zuten. Hilabete lehenago prestatu genuen Kontxa; hortik aurrera, gora. Askotan ez genekien denboraldia hastean trainerua aterako genuen edo ez. Nik beti diot, arrauna afizioa dela, ez ofizioa. Urtero zain egoten ginen, eta ez genekien seguru zertarako ari ginen entrenatzen. Denboraldiak oso luzeak egiten zitzaizkidan; udan gozatu egiten nuen, baina aurreko sei hilabeteak oso gogorrak egiten zitzaizkidan, psikologikoki, ez genekielako zertarako prestatzen ari ginen. Alde horretatik, 2012a eta 2013a goxoagoak izan ziren. Arraunlariak konbentzitzen aritzen ginen taldera etortzeko, Bizkaira deitu.... traineruan egotea lorpena zen, hori bai. 2013ko Kontxa irabaztea oso berezia izan zen. Garrantzitsua tituluari dagokionean, eta herri batentzat ere oso garrantzitsua delako. Ez nuen hainbeste nire Kontxa bezala sentitu, Gipuzkoako federazioak egindako lanaren eta emakumeen lorpen baten moduan baizik. Galiziarrak izan ziren txapeldunak ordura arte, baina haiek selekzioa ziren. Euskal Herrian erabaki ausarta hartu zuten, bultzada emateko, klub bakoitzak bere trainerua osatu zezala; eta egungo egoera orduko erabaki hark ekarri zuen. Ontziralekura joan eta dena gorriz ikustea izugarria izan zen, eta negar asko egin nuen. Lehietan hainbat aldaketa egon dira. Nola bizi izan zenuen hori? Nire ustez ez da baloratzen Gipuzkoako Liga, eta niretzat bereziena da, suposatu zuenagatik. Hori ez balitz sortuko, egungo traineru asko ez lirateke uretan egongo, Euskotrenek lau toki bakarrik izatea erabaki baitzuen. Oso berezia da Euskotren niretzako, dauzkan estropadengatik, eta dena emango nuke berriro hor egoteagatik; hala ere, ez da baloratu Gipuzkoako ligak emakumeengatik egindako apustua. Orain gero eta talde lehiakorragoak daude Gipuzkoan, eta hausnarketarako beharra dago; urte batzuk daramatzagu egitura berarekin, eta uste dut pentsatu behar dutela aurrera begira zer egin nahi duten. Iaz Gipuzkoako liga Zumaiak irabazi zuen, baita Gipuzkoako Txapelketa ere. Aurten, zoritxarrez, ez duzue trainerurik uretaratuko. Zein sentipen duzu? Nik esan nuen ezin nuela traineruan aritu, nire egoera pertsonalagatik. Bateletarako eta trainerilletarako laguntza eskatu zidan klubak, eta nik baiezkoa eman nuen. Erabakia hartzea oso gogorra izan da bertako trainerua nahi zutenentzat eta klubarentzat. Niretzako ere, bere garaian traineruan sartzeko ezezkoa eman banuen ere. Kanpora begira ea balio duen pilak jartzeko. Beti pertsona berberetatik tiraka aritzea arriskutsua da. Gertatutakoa ongi dago ikusteko zein hauskorra den emakumeen arrauna eta zaindu egin behar dela. Hiru lagunek uztea eragin handia du emakume traineru batean, eta mutiletan ez, behetik harrobi handia dagoelako; emakumeetan berriro hori ez gertatzeko, lanean jarraitu behar da. Hutsunea nabarituko da klubean, ezta? Bai. Erreferentzia izatea oso ongi dago, eta gertutik jarraitzea. Trainerurik gabe geratu direnei Zumaiatik bultzatu zaie beste talde batzuetara joateko. Batzuk Getariara joan dira, beste bat Hibaikara, beste bat Oriora... saiatu dira hemen batel eta trainerilla egin dezaten, edo hasieratik joan nahi bazuten, aukera eman diete. Klubak beti bultzatu die arraunean jarraitzeko. Txikiekin harreman estua dugu, asko daude klubean. Zer moduzkoa izan da arraunera itzulera? Hasieran beldurtuta nengoen, bi urte eta gero ea nola izango nituen abdominalak, eskuak, ipurdia... baina aldi berean, oso atsegina. Ilusioarekin ibili naiz, banekien lan asko egin beharko nuela berriro ere neurrian jartzeko, eta lehen batel estropadan hanketik sartu nindutenean, gaizki pasa nuen, baina gero asko eskertu dut. Nire buruarekin lasai geratzeko balio izan dit, denak hobeto egoteko. Estropadetan sufritzen eta disfrutatzen ibili naiz, aldi berean, eta lorpenak ere izan ditugu. Datorren urtean Zumaia itzuliko da traineruarekin? Bilera garrantzitsu bat egin beharko litzateke. Orain ez da unea horretaz hitz egiteko, baina laster egin beharko lukete, eta ea berriro ere traineru gorria ikusten dugun uretan. Zuena desagertu, baina talde berriak sortu dira aurten. Nola ikusten duzu une honetan emakumeen arrauna? Etorkizunik badu? Traineru gehiago egotea beti positiboa da, ez dira bost lagun bateletan bezala. Kantitate aldetik garrantzitsua da. Arraunlariak zaindu egin behar dira, ez erretzeko, emakumeak zein gizonak. Momentuan osasuntsu ikusten dut, baina zaintzen ez bada, ez da hain osasuntsu egongo. Oinarri sendoak jarri behar dira. LIDE FERREIRA «BETI BIGARREN MAILAN DAGO EMAKUMEEN ARRAUNA» AINHITZE KALONJE HERNANIKO ARRAUN ELKARTEKO ARRAUNLARIA Hernaniko Arraun Elkartean bederatzigarren denboraldia du arraunean Ainhitze Kalonjek; horretaz gain, neskatoak entrenatzen ditu, eta zuzendaritzako kidea ere bada. Lehorreko herria izanda ere, itsasoa gertu du Hernanik, eta 50 urte bete berri ditu bertako arraun elkarteak. Gizonezkoen trainerua hainbat urtez uretaratu zuten 1971tik, klubaren gailurra hori izanik. 2008an, ordea, filosofia aldaketa bat egin zuten arduradunek, eta harrobia lantzeari gogor ekin zioten, arraunlari gaztetxoekin. Klub txikia da Hernanikoa, baina iaztik badu berriz ere trainerua; oraingoan, emakumeena. Maialen izena jarri diote ontziari, Maialen Lujanbio herriko bertsolari aski ezagunaren omenez. Une honetan, gizonezkoen trainerurik izan gabe, emakumeena duen herri bakarra da Hernani. Zerk erakarri zintuen arraunera? Hamasei bat urterekin hasi nintzen arraunean, lagun batekin batera. Kalean kartel bat ikusi genuen ikastaroak emango zituztela esanez, eta pare bat egunez probatzera joan ginen. Gustatu eta segi eta segi, orain arte. Iaz, azkenean, trainerua osatu zenuten. Zerk bultzatu zuen kluba erabaki hori hartzera? Garai batean egon zen trainerua Hernanin, baina azken urteetan apustua egin zen harrobia lantzeko. Pixkanaka beheko mailetan hasitako neska horiek igotzen ari ziren, eta ikusi zen aukera egon zitekeela emakumeen traineru bat osatzeko, jubenil eta senior mailetan bazegoelako taldetxo bat. Erabakia hartu zen aurrera joateko, Tolosaldetik etorritako beste arraunlari batzuekin batera. Zer moduzkoa izan zen iazko esperientzia? Polita. Lehen denboraldia izan zen, eta ez genekien nola moldatuko ginen. Sekula ez ginen ibili uda guztian entrenatzen, denak traineruan hasiberriak ginen, eta ilusio hori genuen. Probatu genuen, eta aurrera. Aurten, zein helburu duzue? Koska bat gora egitea. Iaz traineru berrien artean nahiko aurrean ibili ginen. Beraz, aurten, maila gehiago duten traineruengana gehiago hurbildu nahi dugu, koska bat jan. Badakigu erdi parean ibiliko garela, baina elitean dabiltzan horiengandik gertuago egon behar dugu denboretan. Euskotren Ligako sailkatze estropadetan itxura ona eman genuen, eta distantziak mozten jarraitu behar dugu. Jarraipena eman, batez ere. Zer ematen dio traineruak elkarteari? Nabari duzue gora iristeko ilusioa beheko mailetan? Ez dakit zenbaterainoko eragina duen traineruak. Edonola, neska dezente daude beheko mailetan, beste traineru bat osatzeko adina. Ez dakit horregatik hasi diren arraunean, baina gu ilusio hori pizten saiatzen gara. Ikusten dute egunero aritzen garela entrenatzen, eta traineruarekin atzera eta aurrera ibiltzen garela. Noizbehinka helduenak gure entrenamenduetara ekartzen ditugu, pixka bat zirikatzeko, eta hurrengo urteetan ere jarrai dezaten. Egoera orokorrari dagokionez, Zumaia eta Oiartzungo Itsaslapurrak trainerua ezin osatu geratu dira, baina Deustu eta Hondarribia azaldu dira. Zer moduz ikusten duzu emakumeen arrauna? Ikusten da goraka doala. Gero eta klub gehiagok egiten dute apustua emakumeen trainerua ateratzeko, eta zaila da. Goraka doa, hala ere, oso mantso. Garestia da traineru bat ateratzea, eta ikusten da emakumeen maila eta gizonena ez daudela parean. Gizonen aldeko apustua egiten dute askok, eta emakumeena atera badaiteke, ba ondo. Oraindik asko falta da sinisteko emakumeen arraunak ere izan dezakeela maila ona. Oso kolokan daude emakumeen taldeak, Zumaian gertatutakoan argi ikusten da hori. Egoera horretan edozein klub egon daiteke, jende gutxi, oso justu... klub pare bat egongo dira ziur daudenak, San Juan eta Orio; gainontzekoak segituan hautsi daitezkeela uste dut. Beti bigarren mailan dago emakumeen arrauna, eta denok egin behar dugun lana da. «DATORREN DENBORALDIAN JAUZI HANDIA EMAN DEZAKEGU» ESTIBALIZ GEZALA ETA EDURNE URZELAIETA PATROIA ETA ARRAUNLARIA, HONDARRIBIAN Lehenengo urteetan, Hondarribia egon zen emakumeen traineruak bultzatu zituen elkarteen artean; 2014an, ordea, talderik gabe geratu zen, eta aurten itzuli da, gogotsu. Emakumeen Ama Guadalupekoa berriro ere uretan da, Joxerra Oiarzabalen agindupean. Gipuzkoako Traineru Ligan pozik dabiltza Estibaliz Gezala patroia (Hondarribia, 1989) eta Edurne Urzelaieta arraunlaria (Lezo, 1975), eta euren esperientziaren berri eman dute. Noiz hasi zineten arraunean? Estibaliz Gezala (E. G.): Hasi nintzen 2002an, lagunekin batera Hondarribian, aulki mugikorra egiten. Ahizpa jada arraunean zebilen aurretik, eta ni haur mailan hasi nintzen. Traineruan 2005ean hasi nintzen, eta Txingudiko Banderan parte hartu genuen. Endaikako eta Santiagotarrakeko arraunlariekin osatu genuen trainerua. Cabo, Urola-Kosta eta Isuntzarekin atera ginen, eta Cabok irabazi zuen. Hondarribian trainerua atera genuen urteetan, neguan aulki mugikorra egin genuen eta udan hasten ginen traineruarekin; talde bat borrokan aritu ginen traineruaren aldeko apustua egiteko, borrokan ibili ginen, baina ez genuen lortu, eta azkenean taldea desegin egin zen; 2013an egin zuten azken urtea. Ni azkenean Hibaikara joan nintzen, eta bertan arraunean ibili naiz, 2013, 2014 eta 2015eko udetan; baina aurtengo otsailean, Hondarribiara itzuli nintzen, eta patroi gisa nabil. Edurne Urzelaieta (E. U. ): Nik duela urte dezente probatu nuen arrauna, batel eta trainerilletan, Trintxerpeko klubetan, 2000 eta 2002 urteen bueltan. Momentu hartan ez zegoen emakumeen trainerurik, eta batzuetan mutilekin entrenatzen genuen. Geroztik arrauna utzita eduki dut, eta korrika egiten ibili naiz. Iaz esan zidaten nola sortu behar zuten Oiartzunen arraun talde bat; hasiera batean entrenatzaile lanetan hasi behar zena nik ezagutzen nuen Trintxerpetik, eta joateko esan zidan. Entrenatzeagatik hasi nintzen, baina ez nuen uste arraunean jarraituko nuenik. Egia esan talde kirola da, eta korrika egiten bakarrik ohituta nengoen aspalditik. Talde lana gogorra da, baina indarra ematen dizu aurrera egiteko ere. Talde berria zen eta nahiko lan izan genuen jendearen aldetik uda guztian trainerua betetzeko eta nahiko larri ibili ginen. Aurten ez zegoen Oiartzunen nesken trainerua ateratzeko asmorik; Hondarribiako aukera azaldu zen, eta Oiartzungo lau lagun eta ni joan ginen. Azkenean, iazko traineruko esperientzia oso polita izan zen, eta harra sartu zitzaidan. Talde bat berriz abiatzea ez da lan erraza izango. Zer moduzkoa izan duzue negua? E. G.: Ni iritsi naiz jada etxeko lanak eginak zituztenean. Taldea egina zegoean eta ez dut jende falta somatu. E. U.: Egia esan taldea ongi osatu da. Hasieratik hasi garenak hor gaude, jarraitu egin dugu. Zein helburu duzue? E. G.: Helburua hasieran zen ateratzea, eta behin aterata, lehiatzea eta uda egitea. Orain, non gauden ikusita, Hernaniri irabazi nahi diogu edo bidean erortzen denari. Lortu behar dugu denboraldia ilusioarekin bukatzea; taldea mantentzen badugu datorren denboraldirako, helburua guztiz betea egongo da, nahiz eta kirol emaitzak ez izan onenak. Azkenean, denboraldia bukatzeko, Kontxan sartzea da helburua. Datorren denboraldian jauzi handia eman dezakegu. Hondarribiako gizonen trainerua TKE ligan sekulako denboraldia egiten ari da. Klubaren eta herriaren aldetik horrek presioa sortzen dizue? E. U.: Ez, aurkakoa, asko animatzen gaituzte. Jendeak animatu egiten gaitu, nahiz eta guk pentsatu ez gabiltzala hain ongi. Nola ikusten duzue orokorrean emakumeen arrauna? E. G.: Nik Hibaikan eta Hondarribian ikusi dudanagatik, neska pila bat dabiltza arraunean. Gauza da gero iritsi behar dutela jubenil eta senior mailatara, eta mantendu behar dutela gogoa arraunean jarraitzeko. Aurrerapauso asko eman dira 2005ean traineruak atera zirenetik, antolakuntza aldetik. Agian egia da azken hiruzpalau urteetan antolakuntzan ez dela ezer berririk sortu, aurten Kontxarako zortzi lekuak kenduta. Zaila da pauso bat ematea, telebistatik desagertzeko beldurra ere badagoelako, baina agian Euskotren eta Gipuzkoako ligak bereiziak egitetik beste zerbaitetan pentsatu behar da. E. U.: Nik, iaz, esaterako, ikusten nuen San Juanen gaztetxo pila bat zebiltzala. Baina, noski, banderak irabazi dituen talde bat da, eta horrek asko erakartzen du. Ongi ikusten duzue orduan Kontxako Banderan zortzi trainerurentzako lekua egotea lehen aldiz? E. G.: Behetik ikusita bai! Azkenean goxoki bat da kirolariarentzako uda guztian ilusioa mantentzeko. Bestalde, pentsatzen dut gal daitekeela lehikortasuna, eta horrek eman dezakeen ikuskizuna E. U.: Neskek badugu abantaila alde horretatik, badaudelako mutilak urte asko daramatzatenak eta ez dutelako Kontxan sartzeko aukerarik izan. Beste gauza batzuetan emakumeek aukerarik ez dugun bezala, horretan badugu ilusio berezia. DONOSTIAN, PROIEKTU BERRIA Bat baino gehiago izan dira azken urteetan sortu diren emakumeen traineruak; berea izango du Donostiarrak, 2017an. Donostiarrako presidente Alberto Lopezek albistea zabaldu zuen uztaila hasieran, bazirudiena baieztatuz; 2017an emakumezkoen trainerua izango duela Donostiarrak: «Ur-Kirolarekin akordioa itxi dugu datozen bost urteetarako; Arraun Lagunak eta nahi duen guztia batzea nahiko genuke. Gizonezkoen bi traineruen lanerako baldintza berak izango dituzte». Izan ere, Donostiarrak, gizonezkoen bi traineru ditu, bere garaian Ur-Kirolakek eta Arraunek itxitako akordioaren ondorioz, urteetan egindako lanari esker. Lehen trainerua KAE-1 ligan dabil, eta, bigarrena, KAE-2 ligan. Laster, hirugarren bat batuko zaie, emakumeena. Momentuz, badakite, traineru zuri horretan arituko direla egungo Ur-Kirolakeko arraunlari jubenilak. Hain zuzen, Urkiko arraunlariak dira Intxaurrondoko Maialen Alkorta, Antiguako Ainara Goikoetxea, eta Parte Zaharreko Itxaso Uzkudun; «Arraunak asko batu gaitu», diote. Hiruzpalau urte daramatzate arraunean, aulki mugikorrean, eta ilusioz hartu dute datorren denboraldirako duten erronka. Laukoan osatu dute denboraldia, eta oraindik tostako arraunarekin harremanik apenas izan dute: «Batelean, Loiolako festetan atera nintzen behin, astebete entrenatuta, ezer ere serioa», aipatu du Alkortak. «Oso gustura gabiltza. Nire familia guztia arraunlaria izan da, justu nire anaia hasi zen, eta ni Ainararekin animatu nintzen; gurasoak entrenatzaile gisa hasi ziren, eta azkenean denak sartu ginen», gehitu du. Orain, udaraz gozatzeko momentua dute, arraunak kanpotik jarraituz, eta ikusiko dute datorren denboraldian zer datorkien. «Denboraldia ongi joan zaigu; noizbehinka uretara irtengo gara udan gure kabuz, eta kanpotik jarraituko ditugu estropadak. Aipatu ziguten aulki mugikorra bateratu zitekeela traineruarekin, eta gauza berri bat bezala hartuko dugu». ‘Lugañene’k, lehen bandera Momentuz uretan traineru bat du Arraun Lagunakek, iaztik. Gipuzkoako Traineru Ligan dabil, eta bere lehen bandera lortu du aurten. Ligako zazpigarren jardunaldian izan zen, Orion. Estropadako azkarrena izan zen; eta Donostiako ontziaren atzetik geratu ziren Getaria-Zarautz eta Hernani, bederatzi segundora. Sei taldek soilik parte hartu zuten estropadan hartan, izan ere, baditu bere berezitasunak Gipuzkoako ligak. Euskotren Ligako jardunaldia jokoan zegoen Bilbon egun hartan, sailkatutako lau ontziekin: San Juan, Hibaika, Orio eta Cabo. Beraz, Orioko jardunaldi huraez zen Gipuzkoako ligarako puntuagarria izan. Aurten, beste jardunaldi batean ere gauza bere gertatuko da, bi ligetako jardunaldiak egun berean izango baitira.
booktegi.eus Raul Perez Martinez Parisen jaio zen 1976an, baina Donostian bizi izan da betidanik. Informazio Zientzietan lizentziatua, Irutxulo astekarian, Irutxuloko Hitza egunkarian eta Gaztezulo hilabetekarian lan egin du. Euskara irakasle ere jardun da, AEKn, eta Tropela.net euskara elkarteko kide ere bada. Liburu honi buruzko iritzi guztiak ongietorriak izango dira egilearen aldetik honako eposta helbidean: rapema24@gmail.com Jacques Anquetil © Raul Perez Martinez Lehen edizioa: 2012ko iraila Azaleko argazkia: Miroir Sprint aldizkaria Kontrazaleko argazkia: Iñaki Sagastumek utzita Eskerrik asko era batean edo bestean liburu hau argitaratzen lagundu didaten guztiei ISBN 978-84-615-9835-9 L.G. SS 1241-2012 Nire idoloa zen (hitzaurrea) Aurreko urtean afizionatuetan aritu eta gero, 1966an debuta egin nuen profesionaletan Fagor taldearekin, eta zuzenean Tourrera eraman ninduten. Taldeko hamar txirrindularietatik bostek aurreneko Tourra genuen. Niretzat lehena, eta Anquetilentzat azkena. Nire idoloa izateaz gain, gizon jatorra zela gogoratzen dut, kalitate handikoa. Berak ez zuen irabazterik izan Tour hura, baina lan handia egin zuen bere taldekide batek, Lucien Aimarrek, irabaz zezan. Egunkari eta irrati bidez jarraitzen zen sasoi hartan ziklismoa, telebistak kasik ez zuelako ematen. Anquetilek dopinaren aurkako kontrolak ez zituela begi onez ikusten oroitzen naiz. Halakorik pasatu behar izatea iraingarria iruditzen zitzaion; beharbada, bere mailako ziklista batek, nahi izanez gero, zirrikiturik aurkituko zuen dopin kontrolei iskin egiteko, baina ez zuen garaipenek emandako botere hori bere buruaren mesedetan baliatu. 1966ko Tour hartan, Bordeletik abiatu zen etapan, kontrolak salatzeko protesta egin genuen txirrindulariok, Anquetil buru zela. Kirol lehiara etorrita, zale askok Raymond Poulidor, Anquetilen aurkari nagusia, nahiago zuten; erdi negarrez ageri zen askotan Poupou. Baina agian jende askok ez dakiena da Anquetilek eskuzabalago jokatzen zuela bere taldekideekin. Poulidorrek baino diru gehiago banatzen zuen Jacquesek haren alde lan egin behar zuten ziklisten artean, eta jokabide hori oso garrantzitsua izan zen hainbat lasterketatan. Eta taldekideen artean ez ezik, aurkarien artean ere bazuen adiskiderik Anquetilek. Indurainen antza bazuen; Tourra erlojupekoetan erabakitzen zuen, baina irabazteaz gain irabazten ere uzten zien kontrarioei. 1964ko Tourrean, Andorratik ateratako etapan, Anquetil atzean geratu zen berehala, Envalira mendatean gora, eta Poulidorrek aurrera jo zuen. Raymondek hainbat ziklista zituen aldamenean aurrera egiteko, bai, baina lagunik ez zuen inguruan eta ez zion egoerari probetxurik atera. Frantziako zaleek gehiago maite zuten Poulidor Anquetil baino, baina zenbat ez ote zuten, bada, gaur egun emango Anquetil bezalako txapeldun bat izateko! Txomin Perurena (Oiartzun, 1943) Bost aldiz bukatu zuen Frantziako Tourra eta 1974koan Mendiko Sailkapena irabazi zuen. Quincampoixeko ilehoria Frantziako ipar-mendebaldean dago Normandia. Rouen da eskualdeko hiriburua –Victor Hugo idazleak ehun kanpandegien hiria esaten zion– eta Rouenetik gertuko Mont Saint Aignaneko klinikan jaio zen Ernest Anquetil eta Marie Legranden seme zaharra, 1934ko urtarrilaren 8an. Jacques izena jarri zioten gurasoek jaio berriari. Haurtzaroaren lehen zatia, Rouen ondoko Boise Guillaume herrian igaro zuen Jacques txikiak. Lau urte baino ez zituela igo zen aurrenekoz bizikleta batera. Bizikleta gorria zen. Aitak atzeko bi gurpiltxoak kenduak zituen ordurako, eta haur txikia lurrera jausi egin zen. Hori ikusita, semea koskortu artean bizikleta ganbaran sartzeko burutazioa izan zuen Ernest Anquetilek, etsita. Haatik, ume koskorra zutik jarri, bizikleta hartu eta orduan bai, orekari eusteko gai izan zen, gurasoen harridurarako. 30eko hamarraldiaren bukaeran, Bigarren Mundu Gerra iristearekin bat, Anquetil-Legrand familia tokiz aldatu zen. Ernest igeltseroa zen ogibidez, baina ez zien alemaniarrei lagundu nahi izan blockhausak edo bunkerrak eraikitzen. Boise Guillaume utzi eta Quincampoixen jarri ziren bizitzen –aurreko bizilekutik gertu samar–. Ernest Anquetilek igeltseritza utzi eta nekazaritzari heldu zion; marrubiak lantzen eta biltzen hasi zen, familiaren etxe inguruko landetan. Quincampoixen bertan jaio zen 1940an Philippe, Jacquesen anaia gaztea. Beste edozein haurren kasuan bezala, eskolara joatea zen Jacquesen betebehar nagusia. Ez zuen, ordea, gustuko. Aspertu egiten zen eta maisu-maistrek arbelean jarritakoari ez zion jaramon handirik egiten. Eskolara joan aurretik eta etxera itzulitakoan aitari laguntzen zion marrubiak jasotzen. Zortzi urterekin gurasoek bizikleta berria oparitu zioten. Ondo pasatzeko, bai, baina baita etxetik eskolara eta eskolatik etxera joan-etorriak azkarrago egiteko ere, denbora gehiago izan zezan aitari nekazaritza zereginetan laguntzeko. Ziklismoaren harrarik ez zuen artean. Hamar urteko mutil koskorra zela, Normandiako lehorreratze historikoaren gertuko lekukoa izan zen 1944ko ekainean. Aliatuek Quincampoix gertuko Saint Laurent sur Mer, Chebourg, Caen, Coutances eta Avranches bereak egin zituzten. Nazienak egin zuen. Hamahiru urterekin, Lanbide Heziketari ekin zion Jacquesek, Sotteville-Les Rouenen. Hura entretenigarriagoa zen eskola baino, baina ikasi beharra zegoen edozein modutan. Nerabeak ataka zailean ikusten zuen bere burua: tornulari bilaka zitekeen ikasketak azken bururaino eramanez gero, edo bestela, aitaren bideari jarraiki, nekazaria izango zen. Gainerakoan, aisialdian zinemara joatea atsegin zuen, westernak pantaila handian ikustea gustatzen zitzaion. Baita gozo dendara joatea ere, txokolatea bere gutizia zelako. Lanbide Heziketa eskolan Maurice Dieuloisek eta Jacques Anquetilek elkar ezagutu eta adiskide bilakatu ziren segituan. Lagunak irekiko zion Jacquesi txirrindularitzarekiko jakinmina eta zaletasuna. Dieuloisek lasterketetan parte hartzen zuen, eta mundu horrek erakarri zuen Jacques Anquetil, apurka-apurka. Adiskidea ikustera joan zen lehen egunean, Michel Billaux gailendu zen, gerora Anquetilen lagun mina izango zena. Autocycle Sottevillais klubean izena eman zezan animatu zuen Jacques adiskidea Dieuloisek. Lasterketa irabazleak bizikleta berri banarekin saritzen zituzten, eta horrek gatibatu zuen Jacques gaztea, beste ezeren gainetik. Anquetilek talde hartako zuzendari Andre Boucher bisitatu zuen, Sottevillen zuen bizikleta dendan, eta taldean hasi nahi zuela esan zion. Proba moduan, bizikleta batean igo eta Boucherren Derny motorraren atzetik abiatu zen Anquetil. Gaztearen pedalei eragiteko modua gustatu zitzaion Boucher jaunari, eta eman beharreko hurrengo urratsaren berri eman zion dizipulu berria izan zitekeenari: aitarengana joan behar zuen txirrindularitza eskolan aritzeko baimena sina ziezaion. Azkar-azkar itzuli zen Anquetil Boucherrengana, aitaren baimena izenpetuta besapean. “Lehen entrenamendu saioetatik ohartu nintzen, eta ni bezala besteak, gizaseme horrek ziklismoa odolean zeramala. Hori zen hori estiloa!”. Dieulois adiskidearen hitzak dira. 1951ko maiatzaren 3a: besoak gora aurrenekoz 1951n egin zuen debuta Jacques Anquetilek, Autocycle Sottevillais taldearekin. Ordurako lantegi bateko behargina zen. Entrenamenduen ordutegia izan zuen lehenengo buruhaustea: astearte gauetan aritzeko ez zeukan arazorik, baina ostegun arratsaldeko entrenamenduetarako baimena eskatu behar zuen lantegian. Ez zioten, baina, halakorik eman. Hori ikusirik, Anquetilek zirt edo zart egin behar izan zuen: lana edo ziklismoa. Lana utzi egin zuen. Horren aurrean, aitak argi hitz egin zion semeari: ziklismoarekin bizimodua atera behar bazuen, aurrera; bestela, berarekin lan egin beharko zuen marrubiak jasotzen. Astearte gaueko entrenamendu saioetan 50-60 kilometro egiten zituzten eta ostegunekoetan, igandeko karrerari begira aritzen ziren; gutxi gorabehera lehiatu beharreko kilometro kopurua egiten zuten. Baina entrenatzaile zorrotzak, horrekin nahikoa ez eta beste 25-30 eginarazten zizkien bere mutilei, azken txanpa gainera, su bizian. Monsieur Boucherrekin broma gutxi... Apirilaren 8an lehiatu zen Jacques Anquetil estreinakoz lasterketa batean. Le Havren izan zen, eta laugarren sailkatu zen. Bere laguna, Maurice Dieulois, gailendu zen. Hil berean, laugarren eta hirugarren postuan bukatu zuen Anquetilek Grand Prix Houlmes eta Prix des Comerçants de Gaillon lasterketetan, hurrenez hurren. Etorriko zenaren aurrerapena, besterik ez. Maiatzaren 3an lehen garaipena eskuratu zuen Maurice-Latour proban. Paris-Normandie kazetak gazte onenari ematen zion maillota begiz jo zuen Jacquesek aurreneko lasterketa irabazi ondoren. Jantzi preziatua lortzeko, 85,6 kilometroko erlojupekoa irabazi behar zuen. Baita egin ere. Bi ordu zazpi minutu eta 13 segundoko denbora eginda, karrera eta gazte onenaren maillota eskuratu zituen. Biak batera. Batez besteko abiadura, 40 kilometro orduko pasatxo. Anquetil azkena atera zen erlojuz kontrako proban eta haren aurretik atera ziren bi ziklistei, tartean Dieulois adiskideari, aurrea hartu zien. Anquetil gazteak 1952. urtean pauso sendoak ematen jarraitu zuen. Bederatzi karrera irabazi eta lau domina kolkoratu zituen. Erlojupekoetan bikain aritzen zen. Baita tropelean, txirrindulari askoren alboan, pedalei eragin behar zienean ere. Horren adibide, Frantziako Txapelketa irabazi izana amateur edo afizionatu mailan. Txapelketa hark bat egin zuen Frantziako Tourreko atseden egunarekin. Horregatik, hainbat kazetarik bertatik bertara jarraitu ahal izan zuten Anquetil eta beste ziklista gazteen lana. 1952an bertan, bestalde, Finlandiako Helsinki hiriburuan Olinpiar Jokoak egin zituzten eta Anquetilek 12. postuan bukatu zuen; Frantziak taldekako domina eskuratu zuen. Denboraldia amaitu aurretik, Luxenburgon jokatutako Munduko Txapelketan –beti ere afizionatu mailan– zortzigarren postuan helmugaratu zen. Profesionaletara igarotzeko edo behintzat haien arreta bereganatzeko helburuarekin ekin zion urteari Anquetilek eta lortutako emaitzek bide onean jarri zuten. Profesionaletara salto 1953a oso urte garrantzitsua izan zen. Afizionatu gisa hasi eta profesional bezala bukatuko zuen Anquetilek. Berez, afizionatu mailan hasi zen baina profesionaletako zenbait probatan parte hartzeko baimena bazuen. Adibidez, 1953ko abuztuan, Mancheko Tourrean aritu zen, inguruan profesionalak zituela. Aurreneko etapan bigarren sailkatuta poz handia hartu zuen Jacquesek, noski. Bigarren egunean bere kirolaren alde garratzena ezagutu zuen. Izan ere, erori egin zen; oilarren artean pedalei eragitea ez da samurra, gero. Dena dela, ez zen denbora asko lurrean gelditu. Lau urte zituela gurasoek oparitutako bizikletan zihoala erori zenean bezala, berehala zutik jarri eta aurrera egin zuen. Erorikoak ez zion arrasto handirik utzi, biharamunean itzuli txiki haren azken saioan erakustaldia eman zuen eta. 38 kilometroko erlojupekoan Redolfiri, bigarren sailkatuari, ia bi minutuko aldea atera zion. Redolfi bere taldeko zuzendariarengana, Antonin Magnerengana, joan zen eta mutil ilehori hura kosta ahala kosta fitxatu beharra zegoela esan zion. Bitartean, irailean Chateaulineko zirkuituan parte hartzeko gonbitea jaso zuen Anquetilek. Proba horren antolatzaileekin ika-mika izan zuen, haien eskaintza –15.000 libera– gutxiegi iruditu zitzaion eta. Berak 25.000 libera eskatu zituen eta baita jaso ere. Lasterketa hartan bigarren bukatu zuen, Louis Bobeten atzetik. Sasoiko ziklista onenetakoa zen Bobet. Denboraldi hartako emaitzek profesionalen atea parez pare ireki zioten Anquetili. Gainera, ate bakarra ez, bi baizik. Bi eskaintza jaso zituen batera: Antonin Magneren Mercier taldearena eta Francis Pelissierren La Perlerena. Magneren eskaintzak asebetetzen zuen gehien Boucher, Anquetilen ordura arteko entrenatzailea. Boucherrek eta Magnek elkarren antza bazuten. Biak langileak eta isilak, harrabots handirik sortzen ez zuten horietakoak. Antonin Magnek, gainera, irabazi zuen Tourraren historian jokatutako lehen erlojupekoa, 1934an. Txirrindularitza utzi zuenean zuzendari bilakatu zen, eta ez zen, gainera, oharkabe pasatzen: medikua zirudien bata itxuradun beroki txuri luzea janzten zuelako, eta buruan txapela. Anquetilek erlojuz kontrako lehiarako zituen dohainek gatibatu zuten Magne, nonbait. Jacquesek baina, bere aldetik, Pelissier ahobero eta harroarekin negoziatu zuen; La Perleko buruak hilean 50.000 libera eskaini eta zirt edo zart egiteko eskatu zion. Anquetilek baietz erantzun zion eta horrek hautsak harrotu zituen bere ordura arteko talde apalean, Autocycle Sottevillaisen. Taldeko kide bat traidoretzat jo zuten, Pelissierrengana Anquetilen berri ematera joan izana egotzita. Zurrunbiloa pasata, urak bere bidera itzuli ziren Anquetil eta Andre Boucher bere aita bitxiaren artean. ‘Frantziak badu bere Coppi’ Urte bereko irailean aritu zen lehen aldiz profesional gisa Jacques Anquetil, Grand Prix des Nations erlojupeko ospetsuan. Pelissier zuzendariaren Hotchkiss auto gorriaren aurretik abiatu zen. 20. kilometrorako Anquetilena zen denborarik onena. 40. kilometroan bigarren sailkatua lau minutura zihoan, eta helmugan zazpi minutuko aldea atera zion haren atzetik sailkatu zenari. Are gehiago: Hugo Koblet suitzarraren errekorretik 35 segundora geratu zen, haizeak oso zakar jo zuen arren eta zulatua eduki bazuen ere. 1,73 metro luze zen mutilaren balentriaz jabetzeko ezin ahaztu hemeretzi urte besterik ez zituela. Pierre Chany kirol kazetari eta gerora Anquetilen lagun mina izango zenak hauxe idatzi zuen egun hartaz, ziklista ezagutu zuen egunaz: “Nire aurrean zegoen, zutik, eta nik begiratzen nion sinetsi ezinik. Harrituta nengoen, ez zuelako txirrindulari itxurarik. Meharra, ahula eta zurbila zen eta zainak zituen begietan eta lokietan. Egia esan, horrela ikustean, bizikleta gainean egon ez balitz, ezin pentsatu prodijioa zenik. Haatik, segituan sumatu nuen izaera bazuela. ‘Ez, Francis jauna; ni ez naiz horrela entrenatzen! ; bai, Francis jauna, otarraina jan nahi dut orain!’ botatzen zion bere zuzendariari. Pelissierrek zur eta lur begiratzen zion. ‘Gustura emango niokeen zaplasteko pare bat’, zioen...”. Handik egun gutxira, beste erlojupeko batean parte hartu zuen, Suitzako Lugano hirian. Aurkari guztiak mendean hartu zituen Anquetilek egun euritsu eta lainotsuan. Bitik bi. Frantziako kazetek izugarrizko pozarekin hartu zituzten hasi berriaren lehen garaipenak. Le Figarok, adibidez, honako titularra argitaratu zuen: “Frantziak badu bere Coppi”. Hain zuzen ere, Anquetilek gogo bizia zuen Fausto Coppi italiar txapeldun handia ezagutzeko eta ordura arte irabazitako diruarekin erositako Simca autoa hartu eta Italia aldera abiatu zen, Paris-Normandie egunkariko lagunekin batera. Alpeetan barrena joan ziren. Saint Jean de Mauriennen, Galibier aldapatzarraren magalean, afaldu eta Mont Cenis mendatearen gailurrean zeuden aduanazainei autografoak sinatu zizkien. Novi Liguren ezagutu zuten elkar Anquetilek eta Coppik. 34 urte zituen Coppik eta Italiako bost Giro eta Frantziako bi Tour irabazitakoa zen. Goia joa zuen ordurako. Italiako izarraren masajista itsua bertan zen eta Anquetilen gorputza ukitu ostean honakoa esan zion: “Coppiren berdin-berdina zara”. Coppi eta Anquetil azaroan izan ziren aurrez aurre lehenbizikoz, Italiako Baracchi bikotekako erlojupekoan. Coppi-Filippi bikotea nagusitu zen, Anquetil-Rollanden aurretik. Egun gutxi batzuk geroago, berriz ere nor baino nor aritu ziren Parisko Vel d’Hiv belodromoan. Sasoi hartan, sona handia zuten zenbait belodromotan jokatzen ziren sei eguneko probek eta Anquetil, etxekoan, Parisko Sei Egunetan, aritu zen denboraldiaren hondarrean zenbait urtetan. Belodromo horretan jazo zen Frantziako XX. mendeko pasarterik ilunetakoa. Milaka judu jarri zituen Vichyko Gobernuak nazien esku 1942an, Bigarren Mundu Gerra gori-gori zegoela. Anquetil eta Bobet, elkarrekin Baracchin Aurreko urtean eztanda egin eta gero, askok espero zuten Anquetil gailurrera aitaren batean iristea eta hankapean hartzea arerio guztiak. Ikusmin handia zegoen. Dena dela, dir-dir egiteko baino gehiago, zailtzeko garaia zuen. 1954an etapaka lehen itzulia jokatu zuen Anquetilek, Paris-Cote d’Azur, eta zazpigarren bukatu zuen, erlojupekoa irabazita, hori bai. Alemanian, Solingenen, jokatu zen Munduko Txapelketa eta zazpigarren postuan iritsi zen helmugara. Emaitzak apalak izan arren, Antonin Magne zuzendariak begiz jota zuen hogei urteko mutila, eta Munduko Txapelketa bukatu bezain laster Anquetilengana joan eta fitxatzeko saiakera egin zuen, aurreko urtean bezala. Alferrik. La Perlen segituko zuen. Irailarekin batera, Grand Prix des Nations erlojupeko luzearen txanda. Anquetil ez zen faborito nagusia. Ez zaleentzat ezta bere zuzendariarentzat ere. Pelissier bere taldeko beste ziklista baten atzetik abiatu zen, Kobleten atzetik, suitzarrak irabazteko aukera gehiago zuelakoan. Horrez gainera, Gabriel Ruel frantziar gaztea denen ahotan zegoen. Usteak erdi ustel. Anquetilek erakustaldia eman zuen eta irabazteaz gain, indarrean zegoen marka birrindu zuen. Zaleen artean bolo-bolo zebilen Ruel 10. postuan heldu zen helmugara 11 minutura. Garaipen hartaz kasik ezin izan zuen gozatu Anquetilek, soldaduskara joan behar izan baitzuen bizikletatik jaitsi eta berehala. Dena dela, eta ozta-ozta izan bazen ere, Luganoko lasterketara joateko aukera eman zioten eta garaile atera zen Suitza aldean. Italian, aldiz, kale; Baracchi erlojupekoan Coppik eta Filippik garaitu zituzten Jacques Anquetil eta Louis Bobet. Ordurako ez zegoen batere giro onik Anquetil eta Bobeten artean eta handik aurrera tirabirak areagotuko ziren. Bi oilar oilategi berean egonik, gauza onik ez... La Perleren azken arnasa Erlojuz kontra arraza garbiko zaldiaren parekoa zela agerian utzia zuen ordurako Anquetilek. Mendate gogor eta luzeei ekiteko garaia zuen. Aurkarien erasoei eta erritmo aldaketei aurre egiteko ez zen horren abila. Hortaz, horretan trebatu beharra zuen nahitaez. 1955ean, Tour de Sud-Est proban Frantziako Tourrean ohikoak ziren mendateetako batzuk igo zituen, aurreneko aldiz. Zailtze bidean, beste pauso bat. Urte gorabeheratsua izan zen taldeari zegokionez. Arazo ekonomikoek itota, Pelissierrek La Perle salbatzeko ahaleginak eta bi egin zituen. Ez zegoen amore emateko prest. Hasiera batean lortu zuen, kirolaz kanpoko publizitatera joaz. Anquetilek ez zuen Frantziako Txapelketa irabazi, baina lana beltz egin zuen Andre Darrigade taldekidearen mesedetan. Darrigade garaile atera zen eta, esker onez, Anquetilen laguntzaile leialenetakoa izango zen aurrerantzean, bere bizkarzain fidela. Egutegiko azken zatiko erlojupekoetan agertu zen, ostera ere, Anquetil asekaitza. Grand Prix de Geneven, aurrena. Sasoiko ziklista onenetako batzuk hankapean hartu zituen, hala nola, Ferdi Kubler, Hugo Koblet eta Stan Ockers. Eta ginga moduan, nola ez, Les Nationsen. Erronka behar bezala prestatzeko, sustraietara itzuli zen Anquetil; Boucherrek gidatutako Derny motorraren atzetik azkar demonio entrenatu zen. Albert Bouvet bigarren sailkatuak baino hiru minutu azkarrago osatu zuen ibilbidea. 140 kilometro egin zituen Anquetilek 40,266 kilometro orduko batez besteko abiaduran. Bouveten hitzak, proba bukatutakoan, oso esanguratsuak izan ziren. “Nahiago dut Anquetilen kontra galdu, baldar koadrila bati irabazi baino”. Udazkenean, hondoa jo zuen La Perle taldeak. Denboraldiaren hasieran Pelissierrek egindako esfortzua ez zen nahikoa izan taldea onik ateratzeko. Italiara, Baracchin lehiatzera, joateko taldea bilatu beharrean ikusi zuen bere burua Anquetilek eta gauzak horrela, Coppiren taldeak, Bianchik, aterpe eman zion. Horrek, baina, hautsak harrotu zituen Frantzia aldean. Bobet ez zen Anquetilekin fio. Hurrengo denboraldian jokatu beharreko Munduko Txapelketan bere alde lan egin ordez, Anquetilek Coppiren alde egingo zuen beldur zen Bobet. Alegia, bere taldeburuaren mesedetan jardungo zela, bere herrialdeko selekzioko liderrari lagundu beharrean. Jelosiak jota ei zegoen Bobet. Azkenean, labirinto horretatik ateratzeko, ACBB-Helyett-Potin taldea sortu zuten, Anquetilentzat propio, hurrengo urtean Italiako talde baten altzora joan ez zedin. Txirrindularitza talde batek –ACBB– bizikleta etxe batek –Helyett– eta merkataritza iragarle batek –Potin janari dendak– eratu zuten taldea. Garai hartan, sekulako iraultza zen hura. Ataka zailetik atera orduko, eta denboraldia bukatutzat eman aurretik, erronka handi bati ekin zion Anquetilek. Fausto Coppiren Orduaren Errekorra –45 kilometro eta 871 metro– hausten saiatu zen Italiako Milan hiriko Vigorelli belodromoan. Berez, bere orduko taldeak, Bianchik, bizikleta jarri zuen haren esku, baina araudiari erreparatuta, La Perle taldeko kide zen Jacques –nahiz eta ordurako talde hark soldatarik ez zion ordaintzen hondoa jota zegoelako–. Azkenean, La Perleren bizikleta erabili zuen eta Philippe Potinek, hurrengo urtetik aurrera bere talde berriaren nagusia izango zenak, bere gain hartu zituen gastu guztiak. Azken emaitza? 45 kilometro eta 248 metro. Coppi handiaren markatik 623 metrora geratu zen. Vigorelli mon amour Aurreko urteko udazkenean gauzatu gabe utzitakoa buruan zuela ekin zion lanari 1956an Anquetilek: Coppiren Orduko Errekorra hautsi nahi zuen. Beti ere begi bat Aljerian gertatzen ari zenari begira –soldaduska garaia zuen–, Boucherren motorraren atzetik hasi zen, jo eta ke, sasoi puntu egokia lortzeko. Ekainaren 22an hegazkina hartu zuen. Jomuga, lehengo urtean bezala, Milango Vigorelli belodromoa. Anquetilekin batera, Duponchel kazetari eta laguna, Dousset managerra, Mickey Wiegant kirol zuzendaria eta nola ez, Andre Boucher, gaztetan izandako entrenatzailea. Ordurako, Jacques Helyett-Potin taldeko izarra zen. Marka onduz gero irabaziek nora joan behar zuten erabakia zegoen aldez aurretik; erdia, Frantziako armadaren “gizarte ekintzetara” eta beste erdia, Aljerian zendutako soldadu frantziar gazte baten –bera ere ziklista zen– amarentzat. Orotara, 500.000 libera. Ekainaren 25ean, 19:00etan. Une hartan abiatu zen Anquetil. Baldintza meteorologikoak ez ziren onegiak, baina harmailak beteta zeudenez, aurrera egitea erabaki zuten. Ondo ari zen, baina Coppiren marka hobetuko ez zuela ikusirik, 50. minutuan gelditzeko agindu zioten bere laguntzaileek. Edozein modutan, saiakera ez zen hutsala izan. Bizikleta guztiz egokia ez zela ohartu ziren, Anquetilek mina baitzuen ipurdian. Ekainaren 28an berriz ere lehiarako pronto zeuden, baina bertan behera utzi behar izan zuten ahalegin hori ere ekaitzaren erruz. Marka ezin hautsi, oinazea ipurdian, ekaitza... Horregatik guztiagatik, Anquetil urduri zegoen. Duponchel laguna hortaz konturatu zen, eta Jacquesek urduritasun guztia askatu zezan, parrandan ibili ziren biak Como lakuaren inguruan. Biharamunean jaiki, jantzi eta zuzenean belodromora. Gauez egingo zuten marka hobetzeko hurrengo saiakera. 25 gradu. Haizerik ez. Preseski egindako bizikleta gainean jarri zen Anquetil. Platera 52 hortzetakoa eta pinoia 15ekoa. Bizikletak 6 kilo eta 700 gramo pisatzen zituen. Lan erditan, ordu erdia igarota, 22 metro zituen alde Anquetilek Coppiren markarekiko. Gutxi zen, hari mehe baten baitan zegoen, baina bere laguntzaileek horixe nahi zuten, alegia behetik gora egitea eta ez goitik behera. 50. minutuan, orduan bai, errekorra ontzeko moduan zela esan zioten, barrena husteko agindu zioten. Zer eskatu, hura egin: 46 kilometro eta 159 metro. “Coppiren marka hausten lehena izan nahi nuen; orain, besteen txanda da”. Anquetilek susmatzen zuen akaso bere errekorrak ez zuela asko iraungo, baina Coppik hamalau urte lehenago ezarritakoa hobetzeak bazuela meritua. Errekorrak oihartzun handia izan zuen Frantzian, eta Parisen kapotarik gabeko auto batean ibili zen Jacques, hiriburuko kale eta hiribide garrantzitsuenetan barrena, errepide bazterretan pilatutako zaleak agurtzen. Anquetil ez zebilen oker, hala ere, bere markak 80 egun baino ez zituelako iraun; Ercole Baldini italiarrak hobetu zuen. Orduaren Errekorrak hiru hilabete baino gutxiago iraun izanak ez zuen Anquetilen denboraldi bukaera lausotu. Ezta gutxiagorik ere. Grand Prix des Nations laugarrenez irabazi zuen errenkan. Segituan, soldaduskako betebeharrengatik, Aljeriara joan behar izan zuen, Raymond Kopa eta Just Fontaine futbolari frantziar ezagunekin batera. Puri-purian zegoen Aljeria eta Frantziaren arteko gatazka –Aljeriak 1962an lortuko zuen burujabetza–. Boufarik base militarrean entrenatzeko aukera gutxi izan zuen Jacquesek... Ustekabean, Tourra 1957ko denboraldia baikor hasteko arrazoi handirik ez zegoen. Urtarrilean itzuli zen etxera Anquetil, Joinvilleko batailoian ordezkapena egin baitzuten, eta lehen zeregina hamar kilo argaltzea izan zen. Bizitza, maila guztietan, irauliko zion urte baten hasieran zegoen. Sasoi puntua azkar hartu zuen Nizan, Genes-Niza eta Paris-Niza lasterketetan: bigarren eta irabazle, hurrenez hurren. Gorputzaldi egokia ez ezik, beste zerbait ere bereganatu zuen han. Edo bereganatzen hasi zen, hobe esanda. Ikusleen artean, Janine Boeda, bere kirol medikuaren emaztea zegoen. Hasieran, begitan hartu zuen Anquetil gaztea Janinek. Izan ere, bere senarrarekin nahi adina denbora igarotzea galarazten zizkioten txirrindulari gaztearen etengabeko bisitek. Horrez gain, Anquetil harroputza eta gaizki hazitakoa zela pentsatzen zuen. Denboraren poderioz, hasierako irudipena zeharo aldatu zen eta elkarrekin maitemindu ziren. Ordurako Janinek bi seme-alaba zituen: Annie eta Alain. Aro berria Charleroin hasi zen Gauzak horrela, Frantziako Tourraren ordua iritsi zen. Hasieran, Anquetil ez zen lehiatzekoa. Zergatia? Garai hartan, txirrindulariek euren herrialdeko selekzioarekin parte hartzen zuten Tourrean eta Frantziako izarrak, Louis Bobetek –1953, 1954 eta 1955eko Tourrak irabazi zituen– ez zuen bere aldamenean itzala egin ziezaiokeen txirrindularirik nahi, hortaz, ez zuen Anquetil haren ondoan gura. Hala ere, azken unean Tourrari uko egin zion Bobetek, Italiako Giroa ahituta bukatu zuela arrazoituta. Horrek parez pare ireki zizkion Anquetili Tourreko ateak. 120 ziklista lehiatu ziren, herrialdeka. Hori bai, Frantziari dagokionez, talde nagusiaz gain, beste lau talde, eskualdeetakoak, aritu ziren. Frantziako txirrindulariekin batera, denen ahotan zeuden Marcel Janssens eta Jean Adrieanssens belgikarrak, Gastone Nencini italiarra, Adolf Christian suitzarra, Charly Gaul luxenburgotarra eta Federico Martin Bahamontes espainiarra. Espainiako selekzioan, bazegoen euskal ziklistarik: Jesus Loroño larrabetzuarra. Tourraren hasieran jaun eta jabe izan ziren ziklista frantziarrak eta Anquetilek berak hirugarren etapa irabazi zuen etxetik oso gertu, Rouenen. Hasiera ezin hobea, benetan. Hori bakarrik ez: bosgarrenean, Roubaix eta Charleroiren artekoan, maillot horia jantzi zuen lehen aldiz. Ordurako aurkari arriskutsuenetako bat, Janssens belgikarra, jokoz kanpo zegoen, izan ere, bigarren etapan, Granville eta Caen artean, matxura izan zuen. Zazpigarren etapan erantzi egin behar izan zuen Anquetilek maillot horia, baina horrek ez zuen atsekabetu. Handik bi egunera, Besançon eta Thonon Les Bainsen artekoan nagusitu zen, Planckaert belgikarrarekin eta beste ziklista batzuekin tropelari iskin egin eta gero. Nencini italiarra ere Itzulia irabazteko faboritoen zerrendan zegoen urte hartan, baina Thonon Les Bainsera bidean Anquetili, Planckaerti eta besteei jarraitu ezinik geratuta jabetu zen ez zuela Tourra irabaziko. Hurrengo etapan, Telegraphe eta Galibier igota, Briançonen bukatu zen etapan, maillot horia berreskuratu zuen behin betiko Anquetilek. Izerdi franko bota eta gero, hori bai. Izan ere, Telegraphe mendatea igotzen hasi aurretik gurpila zulatu zitzaion. Hala ere, egun hartan etapa garaipena lehiatu zuten bi txirrindulariek, Janssensek eta Nencinik, bi minutu eta berrogei segundo baino ez zizkioten jan. Pirinioetan lider gaztea –Jacquesek 23 urte besterik ez zituen– oso estu hartzen ahalegindu ziren aurkariak, bereziki Janssens, Tourmalet, Soulor eta Aubisque mendatetzarrak igaro zituzten egunean. Anquetilek gorriak ikusi zituen, Aubisquen gorako sufrimendua ez zuen berehalakoan ahaztuko, baina eutsi egin zion. Baita ginga jarri ere, Bordele eta Libourne arteko 66 kilometroko erlojuz kontrako saioa irabazi zuen eta. Haren atzetik, Janssensek eta Christianek bukatu zuten sailkapen nagusian, 15 eta 17 minutura, hurrenez hurren. Tokitan, alegia. “Ez dut mendia garaitu, baina mendiak ere ez nau ni gainditu”, esan zuen itzulia bukatuta Anquetilek. Ondo laburbildu zuen gertatutakoa. Mendiko etapetan erakustaldirik eman ez arren –Pirinioetan asko sufritu zuen– ez da ahaztu behar Alpeetako etapa batean jantzi zuela maillot horia behin betiko. Jesus Loroñok Tour bikaina egin zuen eta bosgarren postuan amaitu zuen. Bizikleta gorde eta oporretara joan aurretik, erlojuz kontrako beste bi lasterketa sartu zituen Anquetilek garaipenen zakura: Genevakoa, eta Grand Prix des Nations. Binakakoan, Baracchin, laugarren sailkatu zen Darrigade adiskidea bikotekide zuela. Parisko Sei Egunetan, Vel d’Hiv-en, eman zituen denboraldiko azken pedalkadak. Euskal herritar batek, Cristobal Balentziaga jostunak, Parisen zaku itxuradun soinekoa hedatu zuen urte berean igaro zen Jacques Anquetil txirrindularitzaren lehen mailara behin betiko. Bolada luzerako igaro ere. Zaleak, urrun Esan ohi da zailena ez dela gora iristea, gailurrean irautea baizik. Orduantxe, Frantziako Tourra lehen aldiz irabazi ostean, hasiko zitzaion Jacquesi benetako aldapa. Ura baino xanpaina nahiago zuela eta entrenatu ostean, atseden hartu beharrean parrandan eta kartetan denbora gehiegi igarotzen zuela hitzetik hortzera zebilen. Anquetilek ez zuen sekula ezkutatu bizitzaz gozatzea izugarri atsegin zuela: otarrainak, xanpaina... Bizizalea zen, bon vivant. Baina horrek ez zuen esan nahi ez zuela bere lanbidea serio hartzen. Denboraldi hasierako erdipurdiko emaitzek ez zioten zurrunbilotik ateratzen lagundu. 1958ko Paris-Nizan oharkabean pasatu zen. Eta Paris-Roubaix klasiko handian, aho asko ixtear zela, atsekabe handia hartu zuen. 75. kilometroan aurrera jo zuen, ausart, beste ziklista batzuekin batera. Hamahiru kilometroren faltan lasterketaren buruan zihoan laukoteko kideetako bat zen. Bere indarra baliatu eta erritmoa aldatzeko gai baldin bazen, nekez jarraituko zion beste inork. Baina gurpila zulatu zitzaion. Azkar konpondu zuten matxura eta berehala harrapatu zituen aurreko hiru txirrindulariak, baina horretarako hustu egin zen. Oso kilometro gutxi falta zirela, gainera, tropelak jan zituen. Zakurraren putza. Sekula ez zen izango L’Enfer du Nord proban –hala esaten diote Paris-Roubaix lasterketari– irabaztetik horren gertu. Anquetil-Gaul: lehia estuaren hasiera Tourrean, Anquetilek ezin izan zuen oker hasitako denboraldia bideratu. Hasi aurretik, giro txarra nabaria zen Frantziako taldean. Bobetek taldeburua izan nahi zuen. Baita Geminianik ere. Hautatzaileak Geminiani beste talde batean jarri zuen, Frantziako eskualdeak ordezkatzen zituen taldeetako batean, hain zuzen ere, urak baretuko zirelakoan. Adabakia baino ez zen izan, ordea. Hori horrela, Anquetil eta Bobet Frantziako taldeko izen nagusiak ziren. Lehen etapatik gauzak okertu zitzaizkion Jacquesi. Eroriko baten ondorioz, denbora asko galdu zuen. Alpeetako etapa handiaren atarian, Geminianik zeraman maillot horia. Anquetilek, bere aldetik, ondo ikusten zuen bere burua eta Briançon eta Aix les Bainsen artean jo zuen. Baita gogor jo ere. Kukuak, baina, oso oker jo zion. Anquetilek elastiko berria, ustez erosoagoa eta modernoagoa, jantzi zuen egun hartan, baina euria goian behean ari zuen, eta hotzak jota geratu zen etaparen erdian. Eguzkia eta beroa atsegin eta euria eta hotza gorrotatzen zituen. Aurkia eta ifrentzua. Charly Gaul, aldiz, oso eroso aritzen zen euria egiten zuenean eta egun hartan 22 minutu atera zizkion Anquetili. Hurrengo etapan, Jacques atera atera zen, baina taldekideek oso ahul ikusi zutenez, helmugaratu bezain laster sendagilearengana eraman zuten. Biriketan mina zuen eta karrera utzi behar izan zuen, tuberkulosiaren mehatxupean. Geminianik ez zion berehala barkatuko Anquetili Alpeetan, Chamrousse, Porte eta Granier mendateetan gora, horren gogor jo izana. Itzulia galdu izanaren erruduntzat jo zuen eta malkorik ez zuen isuri, ez horixe, Jacquesek hanka lurrean jarri eta erretiratu zenean. 33 urte zituen Geminianik eta bazekien tamainako aukera nekez izango zuela Tourra irabazteko. Gaulek irabazi zuen Tourra. Hilabete batzuk geroago, berriz ere Anquetil eta Gaul, Gaul eta Anquetil nor baino nor ariko ziren beste itzuli handi batean. Tour hartan gertatutakoak ez zituen Anquetil eta zaleak hurbildu. Kontrakoa: are gehiago urrundu ziren. Zaleek Bobeten mesedetan lanik ez egiteko aitzakian utzi zuela lasterketa leporatzen zioten Jacquesi. Frantziako Itzulia bukatuta, bere herrialdeko inongo karreratako antolatzailerik ez zion deitzen. Tour osteko lehen lasterketa Belgikan izan zuen Anquetilek. Birikak bere onera itzuli ote ziren egiaztatu nahi zuen. “Ez banaiz gai proba bukatzeko, ziklismoa utziko dut”, aitortu omen zion Janine bikotekideari, ezkor. Lasterketa bukatu bukatu zuen, lehen postuetatik oso urrun izan bazen ere. Handik gutxira baina, betiko Anquetil, erlojuz kontra sekula hutsik egiten ez zuena, bueltatu zen. Genevako lasterketa eta Les Nations irabazi zituen, bata bestearen atzetik. Italiatik, aldiz, Baracchi probatik esku hutsik etxeratu zen beste behin ere: Baldini eta Moser gailendu zitzaizkien Anquetili eta Darrigaderi. Denboraldia ixteko ohiturari jarraiki, Parisko Sei Egunetan lehiatu zen. Proba horretan parte hartu zuen azken aldia izan zen, hilabete gutxi batzuk geroago, diru arazoen erruz, Vel d’Hiv belodromoa itxi baitzuten. Abenduaren 22an, bestalde, ezkondu ziren Jacques eta Janine. Senar-emazteak bakarrik ez. Jacquesen manager bilakatu zen Janine, nolabait esateko; lasterketa askotara joaten zen, eta esate baterako, Tour osteko kriteriumetako diru sariak berak jasotzen zituen. Eta denboraldi hasieran ‘erbi’ lanak egiten zituen: berak autoa gidatzen zuen, abiadura azkartu edo moteldu gabe, eta haren atzetik abiatzen zen Anquetil, bizikleta gainean. Bikotea Saint Adrianen jarri zen bizitzen, Rouenetik oso gertu. Italiako Giroa 1958a urte grisa izan zen Anquetilentzat, distira gutxikoa. Hura lehenbailehen ahazteko asmoarekin ekin zion 1959ko denboraldiari. Paris-Niza-Roma proban bosgarren bukatu zuen. Bide batez, Erromara iritsita, Vaticanora joateko abagunea aprobetxatu zuten Jacques eta Janine ezkonberriek eta Juan XXIII.a aita santuak harrera egin zien. Gant-Wevelgem klasikoan podiumera igo –hirugarren bukatu zuen– eta Paris-Roubaix klasiko handian 24. postuan helmugara iritsi eta gero iragarri zuen Jacquesek Italiako Giroan parte hartzeko asmoa zuela, beti ere Tourra bazterrean utzi gabe. Giroari begira, Charly Gaul luxenburgotarra eta Gastone Nencini nahiz Ercore Baldini italiarrak ziren faborito nagusiak, Anquetilekin berarekin batera. Errusiar mendian nola, hala ibili ziren itzuli hartan Anquetil eta Gaul. Orain bata maglia arrosarekin, orain bestea. Azken bi etapa erabakigarriak jokatu aurretik, Anquetil liderra zen, baina oso alde txikiarekin. Berak bazekien erlojupekoan aldea handitu behar zuela, Giroa irabaziko bazuen. Erlojuz kontra egindako lan apartari esker, hiru minutu eta 49 segundoko aldearekin iritsi zen mendiko azken etapara. Nahikoa? Aosta eta Courmayeurren artean, Grand Saint Bernardeko aldapan jo zuen Gaulek, baina Anquetilek jaitsieran harrapatu zuen. Luxenburgoko igotzaile bikainak ez zuen etsi eta hurrengo maldan, Forclazen, berriro ere eraso egin zion. Anquetilek aurreko mendatean bezala, goitik beherakoan, bat egin zuen Gaulekin. Azken malda, ordea, gehiegi izan zen Jacquesentzat. Gaulek Petit Saint Bernarden gora lehertu zuen eta Giroa bereganatu. Bukaera mikatza izan zen arren, Anquetili gustatu zitzaion Italiako itzulia eta hura lehiatzera bueltatuko zela agindu zuen. Denboraldiko erronka nagusia, hots Tourra, ate joka zuen. Ezin oilategia gobernatu Frantziako Tourra hasi bezperan, Bidot Frantziako hautatzaileak bilerara deitu zituen taldean lider rola joka zezaketen lau txirrindulariak: Anquetil, Bobet, Riviere eta Geminiani. Oilategi berean lau oilar. Askotxo, zalantzarik gabe. Hautatzaileak erabaki zuen ezer ez erabakitzea. Alegia, errepideak berak, etapa joan etapa etorri, aukeratzea taldeburua. Azkenean, Federico Martin Bahamontes espainiarrak irabazi zuen Tourra, Anglade, Anquetil eta Riviereren aurretik. Bobetek ez zuen itzulia bukatu. Itxura guztien arabera, Frantziako taldea indartsuena zen, baina Bidotek ezin izan zuen oilategia gobernatu eta sari potoloa, maillot horia alegia, Bahamontesek etxeratu zuen. Azken etapan, Parisko Printzeen Parkean –sasoi hartan Tourra belodromoan bukatzen zen, Champs Elyseesen amaitu beharrean–, Anquetilek eta Rivierek zaleen txistuak entzun behar izan zituzten. Munduko Txapelketak eman zion Anquetili urtea ahogozoz bukatzeko aukera. Izan ere, berak ez zuen irabazi, baina bereak eta bi egin zituen Darrigade lagun minaren mesedetan eta Landetako semeak ortzadar maillota irabazi zuen. Hain justu ere, Anquetilek sekula jantzi ez zuena. Les Nationsen parte ez hartzea erabaki zuen Jacquesek, bestalde, eta Italiako Baracchi sarian, zaharrak berri; hirugarren bukatu zuen Anquetil-Darrigade bikoteak. Agur eta ohore, Fausto 1959ko azkenak eta 1960ko lehenak hilabete beltzak izan ziren ziklismorako, benetan. Txirrindularitzatik kanpo ere oso oihartzun handia izan zuen Fausto Coppiren heriotzak. Urtarrilaren 1ean, bere herrian, Novi Liguren zendu zen. Aurreko urteko azken egunetan gaixotu zen italiarra, Afrikako Alto Voltan, oraingo Burkina Fason. Hainbat ziklista lasterketa batean lehiatzera joan ziren bertara, tartean Coppi eta Anquetil. Bertsio ofizialaren arabera, malariak jota hil zen campionissimoa. Anquetilek gerora gogora ekarri zuen oroimenean gordetako azken irudia: Coppi eta bera, elkarren ondoan, eserleku luze batean eltxoak gainetik kendu ezinik... Italiarrari gertatutakoa magia beltzarekin lotu zuenik izan zen. Coppiren heriotzak atsekabe handia eragin zion Anquetili, bere idoloa izan baitzen gazte garaian. Bestalde, Jacquesek profesionaletan izandako lehen zuzendaria, Pelissier xelebrea, ustekabean hil zen, bihotzekoak jota. Bi ez, hiru albiste latz jaso zituen hilabeteotan Anquetilek: Gerard Saint ziklista gaztea zendu zen urte hasieran auto istripuan. Adituen arabera, Saintek hartu behar zuen Frantziako ziklismoaren lema, Anquetil gainbeheran hastean. Saint izan zen aurreko urteko Paris-Niza-Roma probako izen nagusietako bat. Maglia arrosaren bila Urte hasierako samina atzean utzi eta Giroa buruan zuela entrenamendu saioei ekin zien Anquetilek. Janine emaztea auto gidari, 50 kilometro orduko abiaduran, eta bera atzean, pedalei kea zeriela. Italian, bigarren urtez jarraian, Gaul eta Anquetilen arteko lehia estua aurreikus zitekeen, eta aurreikuspenak bete egin ziren. Eta aurreko urtean bezalaxe, proba azken erlojupeko saioan eta azken mendiko etapan erabakiko zen. Anquetilek erakustaldia eman zuen erlojuz kontrako proban. Enegarrena. Gastone Nencini italiarra ia lau minutura gelditu zen sailkapen nagusian etapa eta gero, eta Gaul, zazpi minutu eta erdira. Nahikoa? Hori ikusteko zegoen, aurreko urtean Gaul lasterketa iraultzeko gauza izan baitzen azken mendiko etapan. Dolomitetako bihotzean, Bormiora bidean, Gavia igota, Gaulek jo zuen, baina Anquetilek kontrolpean izan zuen une oro Luxenburgoko igotzaile aparta. Nencinik, ordea, buruhauste gehiago eman zizkion. Mugelloko lehoia oso trebea zen maldan behera eta oso estu hartu zuen maglia arrosa. Ozta-ozta eutsi zion lehen postuari Jacquesek, 28 segundorengatik. Horrenbestez, Anquetil Italiako Giroa irabazten lehen frantziarra izan zen. Bigarren itzuli handia zuen, 1957ko Tourra eta gero. Giroa poltsikoan, eta Frantziako selekzioan giroak gaiztotuta jarraitzen zuela ikusirik, Tourrera ez joatea erabaki zuen Anquetilek. Hain zuzen ere, Italiako itzulian jo eta ke ibilitako Gastone Nencini italiarrak irabazi zuen Frantziako itzulia. Hala ere, itzuli hartaz italiarraren garaipenaren gainetik, txirrindularitzari buruzko liburuek eta entziklopediek eroriko bat gogora ekartzen dute. Roger Riviere Frantziako taldeburua amildegi batetik behera jausi eta bizkarrezurra hautsi zuen. Agur. Tourrari bakarrik ez, ziklismoari agur esan behar izan zion behin betiko Riviere koitaduak. Urtea agurtzeko, Luganoko erlojupekoa irabazi zuen Jacquesek. Les Nationsen, aurreko urtean bezala, ez zen lehiatu eta Baracchitik, ostera ere, esku hutsik itzuli zen etxera. Maisulana Goseak amorratzen ekin zion Anquetilek denboraldi berriari. Horren adibide, lehen txanpan eskuratutako Paris-Niza eta Frantziako Kriteriuma. Horien ostean, bigarren Giroaren bila abiatu zen Italiara. Maglia arrosa jantzi zuen zenbait etapatan, baina Arnaldo Pambianco italiarrak etxeratu zuen itzulia. Azken etapek aproposak ziruditen sailkapen nagusian aldaketak eragiteko, Pordoi eta Stelvio bezalako mendateak igo behar baizituzten, baina ez zen halakorik gertatu. Italiako Giroko arantza kendu nahian iritsi zen Tourrera. Lau urte joanak ziren aurrenekoz irabazi zuenetik. Aspaldiko partez, urak bare-bare zeuden Frantziako ekipoan. Taldeburua zen Anquetil. Bat eta bakarra. Horri esker, aurreko urteetan ez bezala, arnasa lasai hartu ahal izan zuen Marcel Bidot hautatzaileak. Sailkapen nagusiari begira, Charly Gaul zen kontrario nagusia, nahitaez kate motzean lotu beharrekoa. Anquetili bidea leundu zitzaion lehen egunetik, maillot horia jantzi eta Gaulek bost minutu galdu zituelako. Jacquesek handia egin zuen, benetan. Maisulana. Izan ere, lehen postuan egon zen lehen etapatik azkenera arte; aurretik soilik hiru txirrindularik egina zuten tamainako balentria, eta gerora beste inork ez du halakorik egin. Frantziako taldea jaun eta jabe izan zen 1961eko Tourrean. Itzulia bere liderraren mesedetan kontrolpean edukitzeaz gain, zakua bete etapa –bederatzi– eraman zuten. Frantziako taldearen nagusitasunari aurre egiten saiatu zen Gaul Alpeetan, ez zuen Tourretik alde egin nahi dena eman gabe. Mendate bat jaisten, baina, erori egin zen eta, minaren minez, ez zen gauza izan Anquetil estu hartzeko. Lasterketa bukatzeko bi egun falta zirela, Bergerac eta Perigueuxen arteko erlojuz kontrako etapan eman zuen Anquetilek erakustaldia. 33 urte geroago, 1994ko Tourrean ibilbide berean baina kontrako norabidean, Perigueuxetik Bergeracera, Miguel Indurain nafarrak antzeko balentria egin zuen, hura ere bakarkako lanean. Azkenean, Carlesi italiarra bigarren postuan sailkatu zen eta Gaul, erorikoak eroriko, hirugarren. Itzuliaren bukaeran, Parisko Printzeen Parkean elkartutako zale askok txistu egin zioten irabazleari. Jacques Goddet Tourreko zuzendariak ere ez zuen begiko izan Anquetilen erakustaldia eta “Les nains de la route” deitu zien itzulian parte hartu zuten ziklistei. Hau da, nanoekin alderatu zituen. Goddetek, baina, ez zuen esan, esate baterako, Pirinioetan, Super Bagneresera bidean, haize bortitzak geldiarazi zuela txirrindularien joa, aurrera egiteko nahikoa lan izan baitzuten. Roger Bastide kazetariak, bere aldetik, honakoa idatzi zuen Tour hartaz: “Jacques Anquetilek ziklismoa zientzia zehatza bilakatu du 21 etapatan, baina, horretaz gain, emozioa eta zirrara kendu dizkio lasterketari. Oso erraza izan da, eta bere garaipenak bikaintasunaren kutsua izan du”. Eta irabazleak, Anquetilek berak, zer zioen? Bada ordura arteko garaipenik zailena izan zela, maillot horiari, egunetik egunera eutsi beharra, oso gogorra izan zelako, nola fisikoki hala psikologikoki. Beraz, ikuspegi zeharo ezberdinak. Kontrajarriak, guztiz. Anquetil-Wiegant bikotearen haustura Tourraren ostean, nola ez ba, kriterium dantza izan zen, eta Les Nations erlojupeko luzera bueltatu zen Anquetil, aurreko urteetan kale egin eta gero. Garaile irten zen eta bigarrenari, Gilbert Desmeti, bederatzi minutu atera zizkion. Pozik egoteko modukoa, ezta? Ba ez, kontrakoa. Mickey Wiegant zuzendariak ez zizkion denbora erreferentzia zuzenak eman, eta ondorioz, Anquetilek hustu behar izan zuen helmugaraino, Desmet gertu samar zuelakoan. Nahita edo nahi gabe gertatu ote zen ez dago garbi, baina Anquetil sututa jarri zen gertatutakoa jakin zuenean. Lasterketa hartan muturtu ziren txirrindularia eta zuzendaria. Denboraldiaren hondarrean egin ohi ziren sari banaketa batean, bestalde, Anquetilek gerora bere aurkari izango zen ziklista gazte batekin topo egin zuen, artean zaleentzat nahikoa ezezaguna zena: Raymond Poulidor... Anquetil-Geminiani-Altig koktel arriskutsua Ordura arte solik Philippe Thysek eta Louis Bobetek egindakoa berdintzeko asmotan, hau da Tourra hirugarrenez irabazteko xedez, atera zuen bizikleta ganbaratik Anquetilek, negu partean indarberritu ostean. Bere taldean aldaketak izan ziren. Nagusia, zuzendariarena. Aurreko denboraldiaren bukaeran gertatutakoagatik Anquetil eta Wiegant banandu egin ziren, eta Raphaël Geminiani txirrindulari ohia izendatu zuten ACBB Saint Raphaël-Helyett Hutchinson taldearen zuzendari. 1958ko Tourrean bien artean irekitako zauriak –Geminianik traidoretzat jo zuen Anquetil, Tourra irabazteko aukerarik ez zuela eraso egin eta maillot horia Gaulen esku jarri zuelako– guztiz itxita zeuden. Edo hala zirudien behintzat. Baiona eta Donostia arteko sufrimendua Denboraldi hartako lehen erronka handia Espainiako Vuelta izan zen. Hiru itzuli handiak irabazten lehena izan nahi zuen Anquetilek eta horretarako Vuelta geratzen zitzaion. Baina itzulia aurrera egin ahala, ohartu zen bere taldekide batek ere, Rudi Altig alemaniarrak, itzulia irabazi nahi zuela. Altigi lehen postua kentzeko azken aukera Euskal Herrian izan zuen Anquetilek, Baiona eta Donostia arteko erlojuz kontrako 82 kilometroetan. Baina saio hartan ere Altig garaile atera zen. Menderakaitza zen espezialitatean, erlojuz kontra, menderatu zuen alemaniarrak frantziarra. Atotxa futbol zelaia egokitu zuten etapa haren bukaera izan zedin; belodromo bilakatu zuten egun batez. Ezin aipatu gabe utzi futbol zelaia egin aurretik bertan belodromoa egon zela. Hortaz, Atotxa eta txirrindularitzaren arteko lotura estua lehenagotik zetorren. Biharamunean, gaixo eta etsita erretiratu egin zen Jacques. Gerora aitortuko zuen hura izan zela ziklismoan igarotako unerik latzenetakoa. Jota bukatu zuela Vuelta eta txirrindulari izateari uztea ere pasatu zitzaiola burutik aitortu zuen Anquetilek. Tourrean taldeka, ez herrialdeka Atsekabeak atsekabe, Anquetilen helburu nagusia denboraldi hartan ez zen Vuelta, Tourra hirugarren aldiz irabaztea ezpada. Urte hartako Tourrean oso berrikuntza garrantzitsua izan zen. Herrialdeka ez, nork bere taldearekin parte hartuko zuen. Hasiera batean, Frantziatik errezelo handiz begiratzen zieten Italiako talde indartsuei, txirrindulari frantziarrak eramango zituzten beldur. Ordurako, Faema kafe makina markak ziklismo talde bat babestu eta Belgikako txirrindulari indartsuenak fitxatu zituen. Faemak ez zuen lortuko Anquetilen nagusitasunarekin bukatzea, baina urte batzuk geroago Eddy Merckx handia fitxatu zuen. Aldaketak alde ona zuen, jakina, herrialde bateko bi edo hiru ziklista irabazteko lehian egoteko moduan bazeuden, nor bere taldean egonik, ez zuten herrikideekin lehiatu beharrik izango taldeburu izateko. Anquetilentzat berritasuna ez zen guztiz ona izan, ordea. Urtetan haren alde morrontza lanetan aritutako Darrigade adiskidea ez zuen aldamenean izango. Anquetil ACBB-Saint Raphaël-Helyett-Hutchinson taldeko liderra zen eta Darrigadek Leroux-Gitane-Dunlop taldeko elastikoa jantzi zuen. Frantziako itzuliari begira eta Espainian Altig taldekidearekin gertatutakoa ikusirik, Jacquesek ez zuen Geminiani begi onez ikusten zuzendari bezala, eta hara nor eta aurreko zuzendaria, Wiegant, itzul zedin saiatu zen. Alferrik, ordea, taldekideak ez zeudelako ados. Charly Gaul luxenburgotarra, Federico Martin Bahamontes espainiarra, Gastone Nencini italiarra eta Rick Van Looy belgikarra ziren, hasiera batean behintzat, Anquetilen aurkari nagusiak lehen posturako borrokan. Eta ezin aparte utzi Poulidor eta Simpson gazteak...Eta Altig adiskidea. Geminiani zuzendariaren kutuna zen Altig eta horregatik, ahaleginak eta bi egin zituen Anquetilen eta Altigen arteko harremana bideratzeko. Aurrekoarekin ez zuen zer ikusirik izango urte hartako Tourrak, benetan. Zortzigarren etapan, Saint Nazairen hasi eta Luçonen bukatutakoan, 30 txirrindularik hanka egin zuten tropeletik, tartean Simpsonek eta Poulidorrek, eta sei minutuko abantailarekin helmugaratu ziren. Ihesaldiari esker, sailkapen nagusiko hirugarren posturaino igo zen Errenteria-Oreretako Luis Otaño. Egun berean, arratsaldean, erlojuz kontrako saioan, Anquetilek burua altxatu zuen eta gailendu egin zen. Maillot horia, dena dela, urruti zegoen oraindik. Urruti bai, baina hura eskuratzeko aukerari eusten zion. Van Looy, berriz, Pabe eta Baiona artean erori egin zen eta astebete eman behar izan zuen ospitalean. Maillot horia ziklista batetik bestera zihoan, saltoka bezala: Darrigade, Schroeders, Simpson... Pirinioetan, Superbagnereseko krono igoeran, Joseph Planckaert belgikarrak jantzi zuen, eta hura soinean luze iraun nahi zuen, ahal bazuen azken bururaino, Pariseraino. Alpeek ez zuten lasterketa irauli, eta ondorioz, liderraren elastikoa egun bakar batean ere eduki gabe iritsi zen Anquetil azken erlojupekora. Gaul eta Bahamontes igotzaileek jai zuten, mendia joana baitzen. Planckaert zen liderra, minutu eta zortzi segundoko aldearekin Anquetilekiko. Eutsiko al zion lehen postuari belgikarrak ala Maître Jacquesek enegarren erakustaldia eman eta Tourra poltsikoratuko zuen? Apustua zegoen, zinez. 68 kilometro egin behar zituzten bakarka, Bourgoin eta Lyonen artean. Nork bere indar eta abileziarekin. Anquetilek ez zuen kale egin. Baldini italiarra izan zen etapa hartan hiru minutu azpitik iritsi zen bakarra. Gainontzekoak, tokitan. Ordura arteko maillot horiak, Planckaertek, 5 minutu eta 19 segundo gehiago behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Anquetilek Tourra hirugarrenez irabazi zuen, Planckaertek bigarren postuari eutsi zion azken sailkapenean eta Poulidorrek hirugarren bukatu zuen. Aurrerago ere elkar ikusiko zuten podiumean Anquetilek eta Poulidorrek. Denboraldia amaitu aurretik, Italiako proba madarikatuan parte hartu zuen Anquetilek, bikoteka egiten zuten Baracchi erlojupekoan. Norekin eta Altigekin, Espainiako Vueltan gorriak ikustarazi zizkion taldekidearekin. Jacques ez zen sasoian iritsi proba horretara eta Altigi ezin jarraiturik egin zuen ibilbidearen zati bat. Ezin izan zion kasik txandarik eman. Are gehiago, nekearen poderioz helmugara iritsi eta hesi baten kontra jo zuen Anquetilek; odoletan bukatu zuen, noraezean. Emaitza? Ba aurreko urteetan lortzerik izan ez zuena: garaipena! Ur gaineko aparretan Goia jotzeko garaia zuen Anquetilek. 29 urte zituela, denboraldi hasiera harrigarria egin zuen 1963an. Hasteko, Paris-Nizan garaile, eta jarraian Frantziako Kriteriuma patrikara. Lasterketa bitxia zen Frantziako Kriteriuma, izan ere, egun bakar batean hiru proba jokatzen zituzten. Goizean lehena, eguerdian bigarrena eta arratsaldean, azkena, erlojupekoa. Hiru saioen denborak batuta erabakitzen zen irabazlea. Iragan urtean bezala, udaberrian Espainiako Vueltan lehiatu zen Jacques; Altigen suak eta gaixo egon izanak utzitako oroitzapen garratza ezabatu nahi zuen. Baita lortu ere. Erraz antzean nagusitu zen, nahiz eta egun txarrik ere izan zuen. Horren erakusgarri, Pacheco espainiarra Sitges eta Tarragona arteko erlojuz kontrako etapan ezustean nagusitu izana. Espainiako Itzulia bukatuta, Anquetilek Frantzian Tourra prestatzeko antolatu ohi duten Dauphine-Libere lasterketan ere parte hartu zuen, eta hura ere irabazi zuen. Garaipen zerrenda luze horrek arrastoa utzi zion, noski. Nekea, alde batetik, eta gaixotasuna bestetik; eginiko elektrokardiograma ez zen nahi bezain garbi atera eta, gainera, duodenoa handitu egin zitzaion. Hori horrela, bazirudien urte hartako Tourrari uko egin beharko ziola. Azken unean, ordea, sendagileek argi berdea eman zioten. Tourra laugarrenez irabazten lehena izatea bazen nahikoa erronka. Baita punta-puntako ziklista askori aurrea hartzea ere. Gaul, Bahamontes, Van Looy, Poulidor, Anglade taldekide ohia, Desmet gaztea... Eta ahaztu barik urte hartan aurrenekoz lehiatuko zela Euskal Herriko Kas taldea, Dalmacio Langarikaren esanetara. Kontrarioak bakarrik ez; ibilbidea bera ere ez zen Anquetilentzat oso egokia. Erlojuz kontrako etapak laburragoak ziren, eta mendate ugari zegoen helmugatik gertu, igotzaile petoen zorionerako. Urte hartan bai, Pirinioek eta Alpeek ikuskizun ederra eskaini zuten. Edo hobeto esanda, ziklistek ikuskizun bikaina eskaini zuten bi mendilerroetako aldapatzarretan. Pirinioetan, adibidez, Anquetilek berak irabazi zuen Paben hasi eta Bagneres de Bigorren bukatutakoa. Dena dela, aurkariak ez zeuden Tourra oparitzeko moduan, eta Van Looyk Aurillacera bidean, maldan behera, erakustaldia eman zuen. Eta Alpeetan, Val d’Iseren lehen postuan jarri zen Bahamontes; hiru segundoko abantaila zuen Anquetilekiko. Alpeetako azken etapak, Val d’Isere eta Chamonixen artekoak, ikusmin handia piztu zuen. Poulidorrek eta Bahamontesek jo zuten, baina Anquetilek eutsi egin zien biei. Ez hori bakarrik: esprintean etapa irabazi zuen eta, helmugara iritsitako lehen sailkatuen artean banatutako gainsariei esker, lehen postua eskuratu zuen. Aurkarien enbidoari, Anquetilek hordago, beraz. Parisera iritsi aurreko egunean jokatutako erlojupekoa, nola ez bestela, berak irabazi zuen. Bi espainiar, Bahamontes eta Perez Frances, izan zituen ezker-eskuin Parisko Printzeen Parkeko podiumean. Ohi legez, Tourraren ostean kriteriumak eta omenaldiak barra-barra iritsi zitzaizkion Anquetili. Gorazarre ekitaldietako batean, Ray Sugar Robinson boxeolari estatubatuarrarekin eta Yuri Gagarin espaziora Vostok 1 kohetean bidaiatu zuen sobietarrarekin elkartu zen. Jacquesek ezin izan zuen Italiako Baracchi lasterketan aurreko urteko garaipena errepikatu eta lehen postuetatik urrun bukatu zuen. Aipamena, dena dela, merezi du, aurrerantzean bere aurkaririk handiena izango zen Poulidor izan baitzuen bikotekide. Denboraldia bukatu aurretik oso garbi zuen Anquetilek 1964. urterako erronka: Giroa eta Tourra, bata bestearen ondotik, bigarrenez irabaztea. Ordura arteko denboraldi biribilena bukatu berria zuen Anquetilek. Ez zegoen dudarik. Tourra, Vuelta, Paris-Niza, Dauphine-Libere... Kiroletik landa, 1963ak, baina, ez zion batere oroitzapen onik utziko. Frantziak emandako musikari handienetako bat zendu zen: Edith Piaf. Jacques eta Janine senar-emazteak Piafen azken emanaldietako batean izan ziren Parisko Olympia antzokian. Emanaldiaren ostean, artistaren aldagelan elkar ezagutzeko aukera izan zuten. Frantziak XX. mendean emandako musikari eta kirolari handienetako bi aurrez aurre izan ziren, istant batean izan bazen ere. Are albiste beltzagoa jaso zuen Anquetilek handik egun gutxira: aita hil zitzaion auto batek harrapatuta. Sumendiaren epaia Gorputzaldi egokia lortzeko asmoz, ia urtero bezala, Paris-Nizan lehiatu zen Jacques 1964ko hasieran. Ez zuen irabazi, eta bi urte lehenagoko ezin ikusiak errepikatu egin ziren Altig alemaniarra eta bere artean. Azken etapan hirugarren postuari eutsi nahi zion Altigek. Anquetilek ez zuen podiumera igotzeko aukerarik, baina lasterketa biziki gogortu zuen. Altigek taldekidearen jokabidea gaitzetsi zuen, nahiz eta alemaniarrak azkenean lortu egin zuen hirugarren bukatzea. Paris-Nizan garaipenik ez, baina Anquetilek ez zuen esku hutsik iritsi nahi Giroko irteerara. Hala, Belgikan jokatzen den Gant-Wevelgem klasiko ospetsua eskuratu zuen. Erlojuz kontrako klasiko asko irabazia zen ordurako, baina hura izan zen aurkariak ondoan izanik erdietsitako lehena. Italiarren arteko inbidia, alde Giroari dagokionez, goiz samar soineratu zuen maglia arrosa; nola ez, erlojupekoa irabazita. Duda-mudatan ibili ziren taldean. Liderraren elastikoari eusten saiatu behar al zuten horrek ekarriko zien nekea kontuan hartuta? Bai ba. Italiarren batek jantziz gero nekez berreskuratuko zutela deliberatu zuten. Estuasunak eta bitxikeriak izan zituen Italiako itzuli hark Anquetilentzat. Alde batetik, Livorno eta Santa Margarita artean erorikoa izan zuen eta jazarpen proba egin behar izan zuen helmugara bitartean; 33 segundorengatik eutsi zion magliari. Beste etapa batean, Gianni Motta italiar gazteak erasoa jo eta estu hartu nahi izan zuen sailkapenaren burua. Hala ere, eta Anquetilen harridurarako, beste italiar batzuen ekimenez Mottaren ahalegina ezer ezean gelditu zen. Zergatik? Ziurrenik Italiako oilarrek ez zutelako nahi inork haiei protagonismoa kentzea, are gutxiago herrikide umemoko batek... Are bitxiagoa izan zen zulatu batek eragindakoa. Anquetilen gurpila aldatu eta autoaren gurpila bera ere zulatuta zutela ohartu zen Geminiani zuzendaria. Nola atera ataka zail horretatik? Kotxeak ezin zuen aurrera egin eta Jacquesek berriz ere zulatua izanez gero, nola arraio moldatu behar zuen? Zuzendariak mekanikaria bizikleta gainean bidali zuen, ziklista baten moduan, Anquetilengandik ahalik eta gertuen egoteko aginduarekin. Mekanikari gizajoak, jakina, gibela bota behar izan zuen Anquetili jarraitzeko... Aurkaririk zitalena... Belline igarlea Denboraldirako aurrez finkatutako helburuaren erdia beteta zegoen. Tourra falta zen. Urte hartan ere, aurkaririk ez zitzaion faltako Anquetili. Hasteko, Poulidor; Espainiako Itzulia irabazita iritsi zen Frantziako Itzulira. Tourra herrialdeka jokatzen zenean Anquetilen mesedetan aritutako Anglade beste talde baten burua zen. Paris-Niza irabazi zuen Jan Janssen ere kate motzean lotu beharrekoa zen. Baita Van Looy, Simpson eta 1959ko Tourra irabazi zuen Bahamontes ere. Altigekin ere, taldekide izan arren, ez zen batere fio Anquetil. Haien arteko borroketan, bereziki 1961eko Vueltan, sorturiko mesfidantzak bere horretan jarraitzen zuen. Txirrindulari horiek guztiak zaindu behar zituen Anquetilek... eta baita Belline ere. Bellinek ez zuen inongo taldetan parte hartu behar, ez zuen pedalkadarik eman behar, baina ezinegona eta beldurra eragin zizkion Anquetili. Bai horixe! Belline igarlea zen eta Anquetil 14. etapaz haratago ez zela joango iragarri zuen France-Soir kazetan. Iragarpen beltza, inondik ere. Erori egingo al zen? Gaixotuko al zen? Hil egingo al zen?... Tour haren hasieran jokatutako taldekako erlojupekoak esanahi berezia izan zuen euskal ziklismoarentzat, Langarikak zuzendutako Kas taldea nagusitu baitzen. Alpeetako etapak Janssenek eta Bahamontesek irabazi zituzten. Aurkariak hortzak erakusteko gogoz bazebiltzan ere, Anquetilek, bere aldetik, bere burua erakutsi nahi izan zuen eta Monakon eta Toulonen aurrena helmugaratu zen. Bi etapa garaipen zakura. Beste behin ere, enbidoari hordago. Dena dela, eta ustekabean, Groussard frantziarrak zuen soinean maillot horia. 14. etapa atseden egunaren ondotik iritsiko zen, tropela Andorran zegoela. Gorriz –edo beltzez– azpimarratutako etapa iritsi zen, Anquetilek Tour hartan korrituko zuen azkena, beti ere Belline iragarlearen arabera. Nola kendu burutik iragarpen madarikatua? Geminiani zuzendaria bera ere urduri zegoen, eta Anquetilen emazteari, Janineri, Andorrara joateko eskatu zion, atseden egunean behintzat Jacquesek burua beste zerbaitetan jar zezan. Eta beste zerbait hori barbakoa moduko bat izan zen. Anquetil bizizalea zela jakina zen, baina jokabide hark sumindu zituen aurkari batzuk, harropuzkeriatzat jo zuten. Nola da posible Tourra jokoan izanik atseden egunean barbakoa batera joatea? Hurrengo egunean, 14. etapan, larrutik ordainaraziko ziotela zin egin zuten. “Goiz hartan, presoak fusilamendu pelotoiaren aurrera nola, hala eraman behar izan nuen Anquetil irteerara”. Geminiani zuzendariaren hitzak dira. Anquetil beldurraren beldurrez zegoen. Etapa hasi eta segituan, Envalira mendate luzea igo behar zuten, eta Poulidor eta Bahamontes egurrean hasi ziren. Bezperako barbakoaren ondorioak pairatzen hasi zen Anquetil nonbait, jota geratu zen, ezin pedalak jiratu. Lasterketa galtzeko zorian zen. Louis Rostollan taldekidea izan zuen ondoan Envalirako gainerainoko bidean, herio batean: “Gaur hil behar baduzu, izan bedi lasterketa lehiatzen eta ez hemen, tropelaren atzealdean!”, oihukatu zion zuzendariak. Bahamontesek eta Poulidorrek lau minutuko aldea zuten mendate pankartan Anquetilekiko. Behin tontorra harrapatuta, ziztu bizian abiatu zen Jacques, hil edo bizi. Gorputzaldiari buelta eman eta Okzitaniako Tolosako helmugara iristeko 20 kilometro falta zirela, harrapatu zituen ihesean zebiltzanak. Eta ez hori bakarrik: Poulidor, matxura baten erruz bizikleta aldatzera zihoala, erori egin zen eta bi minutu eta erdi galdu zituen. Poulidorrek etapa zirraragarri hartan gertatutakoaz hauxe esan zuen helmugan. “Envalirako jaitsieran zegoen lainoak Anquetilen alde egin du, izan ere, haren aurretik zihoazen autoak argiak piztuta jaitsi dira eta horrek erreferentzia gisa balio izan dio. Nire morala erdira jaitsi da; nire buruari galdetzen diot ondorengo etapetan erasotzeko gai izango ote naizen, eta gainera edozer gauza espero daiteke Anquetilengandik, bai baitaki borroka egiten”. Edward Sels belgikarrak irabazi zuen etapa, baina Anquetilen txakalaldiak aurrena eta aurkariaren zorte txarrak ondoren estali zuten zeharo belgikarraren lorpena. Zorigaiztoak eragindako amorrazioak bultzatuta, Poulidorrek erasoa jo zuen biharamunean, Luchonera bidean, eta etapa irabazi zuen. Eguneko azken mendatea, Portillon, amorrazioak jota igo zuen. Eguneko ihesaldian zebilen Gabika bizkaitarrak Poulidor ondoan ikusitakoan, bere atzetik ateratzen ahalegindu zen, harena helmugara iristeko jarraitu beharreko gurpila zelakoan, baina ezin. Pirinioetako azken etapan, Paben amaitutakoan, Bahamontesek handia egin zuen. Etapa irabazi zuen eta lasterketa bere alde iraultzeko zorian egon zen. Zale askok Poulidorren beste eraso kolpe bat espero zuten, baina aurreko eguneko nekea sumatu zuen eta tropelean helmugaratu zen. Maillot horia Groussardek zeraman oraindik ere. 17. etapa Euskal Herrira iritsi zen, Baionara hain zuzen ere. 42 kilometroko erlojupekoa. Anquetilek irabazi eta Tour hartan aurrenekoz lider jarri zen. Poulidorrek, berriro ere, zoritxarrarekin topo egin zuen. Erlojupekoa irabaztekotan zela, gurpila zulatu zitzaion eta mekanikaria bera, matxura konpondu eta gero, estropezu egin eta lurrera erori zen. Horregatik guztiagatik, segundo preziatuak galdu zituen Poulidorrek. Hala eta guztiz ere, Jacquesengandik 56 segundora zegoen sailkapen nagusian. Gauzak horrela, itzulia erabakita zegoela pentsatuko zuen batek baino gehiagok, baina oker zebiltzan. Izan ere, ziklismoaren historiara pasatu zen etapa gogoangarria falta zen, karreristak Clermont Ferrandeko sumendiraino, Puy de Domeraino, eramango zituen etapa. Azken suziria. Nork eta Geminianik, Anquetilen zuzendariak, proposatu zien Tourreko antolatzaileei lasterketa sumendiraino iristea 50eko hamarraldiaren hasieran, bera artean txirrindulari profesionala zela. Clermont Ferrand Erdialdeko mendigunean dago. Bertan sortu zen Michelin gurpil enpresa ezaguna XIX. mendearen bukaeran. 1.465 metroko garaiera du Puy de Domek. Tourmalet, Galibier, Izoard edo Iseranen itzalean da, horiek guztiak altuagoak baitira, baina penditza oso tentea du igoerak, bereziki azken lau kilometroetan. 500.000 lagun elkartu omen ziren mendatean, Anquetil eta Poulidorren arteko norgehiagoka bertatik bertara ikusteko. Milioi erdi zale. Mundu bat. Eutsiko al zion Anquetilek? Poulidorrek maillot horia kenduko al zion? Anquetilek behin bakarrik igota zuen mendatea, 1959ko Tourreko krono igoeran; Poulidorrek, berriz, lehenengo aldiz ekingo zion. Uztailak 12. Igandea. 10:00etan abiatu zen tropela Brivetik. Luis Otaño errenteriarra eguneko ihesaldian ibili zen, eta lasterketaren buruan, beste txirrindulari batzuen aldamenean zihoala, erori egin zen. Zorigaiztoko dirusaria zeritzona eman zioten etapa bukaeran Otañori: 500 libera. Puy de Domeko maldetan –ordurako tropela bat eginda zihoan– bi espainiar, Julio Jimenez eta Federico Martin Bahamontes, etaparen bila abiatu ziren, baina lehia hura bigarren mailakoa zen egun hartan. Espainiarrak oso urruti zeuden sailkapen nagusian. Anquetilek eta Poulidorrek elkarren ondoan egin zuten mendatearen zatirik gogorrena, ahaleginaren ondorioz euren sorbaldek elkar ukitzeraino. Haien atzetik beren taldeetako autoak. Mekanikariak, autoaren goiko aldean eserita zihoazen, matxurarik izanez gero segituan konpondu ahal izateko. Gaina harrapatzeko kilometro eta erdi falta zela, Anquetilek, itota, ezin izan zion Poulidorri jarraitu. Ahituta zegoen. Apurka-apurka Poulidorrek liderrarekiko aldea handitu zuen, bere zaleen zoramenerako. Poulidor helmugara iritsi eta berehala kronometroen dantza hasi zen. Bat, bi, hiru, lau... 57 segundo behar zituen sailkapenaren buruan jartzeko. Poulidorrentzat eta bere taldekoentzat kronometroa motelegi zihoan. Ia geldirik zegoen. Azken aldapetan zebilen Anquetilentzat eta bere zuzendariarentzat, Geminianirentzat, berriz, azkarregi. Anquetilek bil-bil eginda egin zituen azken metro haiek. Infernurako bidea irudituko zitzaion arratsalde hartan sumendiko gainerainoko malda. Iritsi zenean, albiste ona eman zioten. 43 segundo baino ez zituen galdu. Horrenbestez, hamahiru segundorengatik lider jarraitu zuen. “Badakit azken aukera nuela eta espainiarren atzetik atera behar nuela haiek aurrera jo dutenean, baina lehertzeko beldur nintzen”, aitortu zuen zintzo Poulidorrek. Anquetil, garailea; Poulidor, heroia, idatziko zuen Jacques Goddet Tourreko zuzendariak itzulia bukatutakoan. Parisera iritsi aurreko erlojupekoan –Le combat suprême, L’Equipe kazetaren egun hartako azalean– Poulidor ustekabea ematen saiatu zen, eta ez zen oso aparte ibili. Jacques hobeto hasi zen, baina ibilbidearen erditik aurrera, Poulidorrek apurka-apurka abantaila jan zion aurkariari. Helmugarako hiru kilometro falta zirenean, Anquetil denborarik onena egiten ari zen, baina hiru segundoko aldea besterik ez zuen Poulidorrekiko. Epikotasunak goia jo zuen Poulidor helmugara iritsi eta inguratu zitzaizkion guztiek, uneko beroaldiak eramanda, irabazlea izango zela esan ziotenean. Informazioa okerra zen, ordea. Anquetil ibilbidean zen oraindik eta azkenean, sailkapen nagusian abantaila handitu egin zuen: 45 segundo. Parisen, Poulidor eta Bahamontes izan zituen aldamenean Jacquesek. Bosgarrenez igo zen podiumeko koskarik gorenera. Anquetil eta Poulidorren arteko lehia horren estua izan zenez, zeharo hunkigarria izan zen, bi ziklistek, lore sorta bana eskuan zutela, Printzeen Parkeko belodromoari emandako ohorezko itzulia. Askorentzat 1964koa da inoiz jokatutako Tourrik zirraragarriena. Puy de Domeko etapa abiapuntutzat hartuta, Duel sur le volcan titulupeko liburua –norgehiagoka sumendian– idatzi zuen Christian Labordek. Bordele-Paris lasterketa mitikoa Urte berria eta talde berria. Ford-Gitane taldean aritu zen Anquetil 1965ean, nola ez ba Geminiani zuzendaria ondoan zuela. Urte hasieran, ziklismoa bigarren mailan utzi eta biek Montecarloko rallyan parte hartu zuten. Beste hainbatetan bezala, sesioan aritu eta muturtuta bukatu zuten... Dena dela, aurreko –eta ondorengo– haserrealdi guztietan bezala, otordu on batek giroa baretu egin zuen. A ze parea, karakola eta barea dio esaera zaharrak... Auto lasterketak alde batera utzi eta txirrindularitzari helduta, Anquetilek denboraldi hasieratik argi utzi zuen ez zela Tourrean izango. Horrek baina, ez zuen esan nahi egonean emango zuela urtea. Horren lekuko, Paris-Niza irabazi izana, norekin eta Altigekin dema estua eduki eta gero. Ordurako, bi ziklistok ez zeuden talde berean. Paris-Niza ostean, denboraldi hartako helburu nagusiari ekin zion: maiatzean Dauphine-Libere eta Bordele-Paris lasterketak irabazten saiatuko zen. Zer zeukan horrek zailetik? Ba Dauphine astebeteko itzulia bukatu eta ordu gutxira jokatzen zela Bordele-Paris klasikoa. Eta klasiko horrek 557 kilometro zituela... Geminianik aspaldi zuen erronka buruan, baina ez zen esatera ausartu ere egiten, Anquetilek ezezko borobila emango zion beldur. Baita asmatu ere. “Ez dut sekula parte hartuko ero lasterketa horretan”, bota zion Anquetilek. Hori horrela, Geminiani zakur zaharrak eta Janine Jacquesen emazteak zeharka aitatzen zuten gaia eta ezinezkotzat jotzen zuten, Anquetil xaxatu nahian. Jacquesek azkenean amua irentsi zuen. Inor bi lasterketok elkarren segidan irabazteko gai bazen, bera zen, Munduko ziklistarik onena zelako. Kitto. Dauphine-Liberen gailendu zen Anquetil, Poulidorren aurretik. Garaipenarekin gozatzeko astirik ez zuen izan: 17:00etan podiumera igo zen eta bi ordu geroago Bordelera eramango zuen hegazkinean zegoen. Bordele-Paris klasikoa 01:30ean abiatu zen. Udaberria izanagatik, hotz egiten zuen, euria ari zuen... Ziklistak mahuka luzeko maillotekin abiatu ziren eta buruan, kotoizko txanoak. Talde bakoitzak hiru ziklista eraman zituen. Ford-Gitaneri zegokionez, Anquetili laguntzeko Stablinski taldekide fina eta Denson. Ziklistak lo hartzetik gertu izaten ziren, gau osoa, ilunpetan, pedalei eragin behar baitzieten. Anquetilek mina zuen eztarrian eta abiatu aurretik emazteari adi egoteko eskatu zion, erretiratuko zela eta bere bila joateko. Janine etxean zegoen, telefonoari pega-pega eginda, deia noiz iritsiko zain. Goizean, ziklista guztiak bizikletatik jaisten ziren beren burua apur bat txukuntzeko. Anquetilek lasterketa utzi nahi zuen. Akabo. Usteak erdi ustel. Beste behin ere, Geminianik hordagoa jo zion aurrez aurre; “Koldarra halakoa!”, bota zion, eta Anquetilek mekanikariari azkar demonio bizikleta kotxetik ateratzeko agindu zion. Bere burua halamoduz txukundu ondoren, lehian zen berriz ere. Bordele-Paris lasterketa bitxia zen. Lehen zatian lasai antzean aritu ondoren, erditik aurrera, pistan ohikoa den legez, motorren atzetik abiatzen ziren ziklistak, azkarrago joateko. Probaren azken zatira lau karrerista iritsi ziren lasterketaren buruan. Mahe –lehen postuan izan zen kilometro askotan–, Simpson, Stablinski eta Anquetil bera. Errepide bazterretan, jendetza izugarria. Mahe izan zen, nekearen poderioz, laukotean amore ematen lehena; ihesean egindako lanaren ordaina. Helmuga, Tourrean bezala, Printzeen Parkean kokatu zuten eta handik gertuko Picardieko muinotxoan jo zuen aurrera Anquetilek. Stablinski taldekideak, jakina, ez zuen jarraitzeko imintziorik ere egin eta Simpsonek ere ez zuen Jacquesen zartakoari erantzuteko nahikoa indarrik izan; ingelesa hustu egin zen kilometro batzuk lehenago ihesean zebiltzan Mahe eta Stablinski harrapatu nahian, eta larrutik ordaindu zuen Jacquesek jo zuenean. Bordeletik atera eta 15 ordu 2 minutu eta 33 segundo geroago iritsi zen Anquetil Parisera. Eta egun hartan bai, Tourra 1961ean lehen egunetik azkenekoraino menperatu zuenean ez bezala, zaleek txaloka hartu zuten, harrera beroa egin zioten. Gerora aitortuko zuen Anquetilek negar batean egin zuela etxerako bidea, zeharo hunkituta, behingoz zaleen babesa sumatu zuelako. Helburu nagusia lortuta zegoen, baina zuku gehiago aterako zion denboraldiari. Bizikleta gainean berriz ere jarri aurretik, bertatik bertara ikusi nahi izan zituen Tourreko hainbat etapa errepide bazterretik, zale arrunt bilakatuta, eta Frantziako zale askok bezala, berak ere ustekabea eraman zuen Gimondik irabazi baitzuen Tourra, ia denek Poulidor faborito argia jotzen zuten arren. Anquetil gabe ere, Poupouk ezin izan zuen maillot hori preziatua etxeratu. Munduko Txapelketa, Lasarten Munduko Txapelketak Euskal Herrira ekarri zuen Anquetil berriz ere, Lasarten jokatu baitzen. Anquetilek, Poulidorrek edota Van Looyk lasterketa ikusgarria egingo zutela uste zuten zaleek eta hura izan zen, hain zuzen ere, Anquetilek ondoen prestatutako Munduko Txapelketa. Ibilbide gogorrean jokatzen zenean begiz jotzen zuen Anquetilek Munduko Txapelketa, eta Lasartekoa gorabeheratsua zelakoan gogotsu etorri zen. Ez zen, ordea, irabazteko lehian egon eta 17. postuan bukatu zuen. Altig alemaniarrak eta Simpson ingelesak ihes egin zuten tropeletik eta esprintean erabaki zen garailea; Simpson gailendu zitzaion Altigi. Azken emaitzak zaleak atsekabetu zituen, ez hotz ez bero utzi zituen. Orduko hartan, txistuak eraman zituen etxera Anquetilek Euskal Herritik. Gauzak zer diren: gurean lortu behar zuen urte batzuk geroago bere kirol ibilbideko azken garaipen handia... Eddy Merckx gazteak ere parte hartu zuen Munduko Txapelketa hartan. Gerora askoren ahotan inoizko txirrindulari onena izango zenak 20 urte baino ez zituen, baina ordurako askok begiz jota zuten. Tartean, Raphaël Geminiani Anquetilen zuzendariak. Geminiani Merckx fitxatzen ahalegindu zen. Ez zuen, ordea, helburua lortu. Anquetil eta Merckx ez ziren sekula taldekideak izango. Munduko Txapelketa eskasa burutik kendu eta denboraldi bukaerako erlojuz kontrako klasikoei gogotsu eta sasoitsu ekin zien Jacquesek. Les Nationsen azken urteotako bere bi aurkari nagusiei gailendu zitzaien: Altigi eta Poulidorri. Luganoko erlojupekoa ere irabazi zuen eta baita Italiako Baracchi bera ere. Stablinski taldekidearekin parte hartu zuen Baracchin eta bigarrenez nagusitu zen. Bigarren garaipen hark lehenengoak baino zapore hobea utzi zion. Aurrekoan, begiko ez zuen txirrindulari bat izan zuen bikotekide, Altig, eta hori nahikoa ez eta odoletan bukatu zuen, helmuga gurutzatu bezain laster erori zelako. Italiara eginiko bidaia hura, gainera, aspaldiko beste erronka bati hautsa kentzeko probestu zuten: Orduaren Errekorra. Vigorelli belodromoan entrenamendu saio batzuk egin zituzten, besterik gabe, baieztatzeko Anquetil gai zela indarrean zegoen marka, Roger Riviere herrikidearen marka –ordurako txirrindularitza utzia zuen Frantziako Tourrean izandako eroriko larriaren ondorioz– hausteko. Aurrerago, beharbada, Milanera itzuliko ziren... Dopinaren orbaina Anquetil eta Poulidor. Poulidor eta Anquetil. Frantziako bi txapeldunen arteko lehia legenda bihurtzeko bidean zen. Horren adibide, 1966ko udaberrian, Paris-Nizan, gertatutakoa. Poulidor lider jarri zen eta nork eta Anquetilen emazteak jarri behar izan zion liderraren maillota. Izan ere, Janinek karrerako babesleetako batekin kontratua zuen. Irudi bitxia inondik ere. Poulidorren zale batzuek bere ziklista kutunaren alde egin beharrean, Anquetilen aurka egin zuten lotsagabe eta bere emazteak epelak entzun behar izan zituen podiumean zegoela. Gauean, gertatutakoaren berri izan zuenean, Jacquesek, sututa, lasterketa uztea erabaki zuen. Azkenean, emazteak berak jarraitzeko konbentzitu zuen, gelditzen zen etapa bakarrean aritzeko konbentzitu zuen. Ez zen etapa hutsala izan inondik inora. Izan ere, Anquetilek itzulia irauli eta irabazi zuen. Bi ziklisten artean, Anquetil eta Poulidorren artean, liskarra izan zen proba bukatuta. Poulidorrek azken etapa hartan aurrera egiteko tenorean, abiadura azkartzeko, motor bati segika aritu izana egotzi zion Anquetili. Jacquesek, bere aldetik, ez zituen adierazpenok batere ondo hartu eta negarti hutsa zela leporatu zion aurkariari. Elkarri hitz egiteari utzi zioten bolada batez, baina berandu baino lehen adiskidetu ziren berriro ere. Bitxia, benetan, gertatutako guztia. Are gehiago kontuan hartuta, urtebete lehenago talde berean aritzeko zorian egon zirela. Geminianik egin zion eskaintza Poulidorri 1965ean Ford taldera joateko; Anquetilek Tourra bost aldiz irabazi eta gero bere mesedetan egingo zuela lan ziurtatu zion Geminianik Poulidorri. Ideiak Poulidor asebete zuen. Ez, ordea, bere taldeko nagusia, Mercier bizikleta dendako nagusia. Poulidor Anquetilen altzora joanez gero taldea desegingo zuela agindu zuen. Anquetil eta Poulidorren arteko lehiak ertz asko zituen, eta bizikleta denden arteko lehia ere bazen. Anquetilena, Helyett eta Poulidorrena, Mercier. Azkenean, Poulidorrek Mercier taldean jarraitzea erabaki zuen. Hori bai, ezin ahaztu 1963ko udazkenean elkarrekin aritu zirela Italiako Baracchi lasterketan Anquetil eta Poulidor besoz beso, elkarri laguntzen. Zale askoren oroimenean geratu zen lasterketa, noski, nahiz eta irabazi ez. Paris-Nizan nagusitu eta aste gutxira, Anquetilek klasiko handienetako bat irabazi zuen, Lieja-Bastonge-Lieja. Puntako aurkariak utzi zituen atzean, hala nola, Janssen, Gimondi, Motta, Altig eta Merckx abizena zuen belgikar gaztea. Lasterketa hark hautsak harrotu zituen. Helmugara iritsita, mediku bat Anquetilengana hurbildu zen eta dopinaren aurkako kontrola egin behar zuela esan zion. Anquetilek uko egin zion. Belgikan kontrolak bakarrik belgikarrek pasatzen zituztela eta aldez aurretik inork ez zuela kontrol horretaz ohartarazi arrazoitu zuen. Medikuak, bere aldetik, azkenean Anquetili arrazoia eman zion. Sendagilea bi arrazoirengatik ez zen tematu: Anquetil ez zelako belgikarra, batetik, eta berak bidezkoagotzat jotzen zuelako zozketa bidez erabakitzea nork egin beharko zuen dopinaren aurkako kontrola. Azkenean, Belgikako Federazioak ez zuen Anquetil zigortu eta irabazleen zerrendan bere izena ageri da. Liejatik Montecarlora, bertatik abiatu baitzen Italiako Giroa. Lasterketa kontrako eztarritik joan zitzaion Anquetili. Lehen etapan ziklista indartsuenetako batzuek aurrera egin eta bera atzean geratu zen. Eta bera iaioena zen proban, erlojupekoan, Adorni italiarra gailendu zitzaion. Jacques azkar jabetu zen ez zuela maglia arrosa irabazterik izango, eta hobe zuela burua Tourrean jartzea. Hala ere, Giroko podiumera igo zen; hirugarren bukatu zuen, Motta eta Zilioli italiarren atzetik. Deabrua eta inozoa Ikusmin handia piztu zuen urte hartako Tourrak, berriz ere nor baino nor Anquetil eta Poulidor ariko baitziren. Gai izango al zen Anquetil seigarrenez maillot horia irabazteko? Lortuko al zuen, behingoz, Poulidorrek bere kontrario nagusia garaitzea? Poulidorrek Anquetil baino hobeto ekin zion. Hala ere, Pabera bidean gauzak okertzen hasi zitzaizkion. Ordura arte Altig ibili zen maillot horiarekin eta, horrenbestez, bera saiatu zen lasterketa kontrolpean edukitzen. Pabera bidean, baina, Altig gogaitu egin zen. Alemaniarrak ez zuen nahi tropela kate motzean lotzeko lan guztia bere taldearen bizkar uztea, hori ardura handia baitzen. Hori horrela, karrera zeharo erotu egin zen. Bederatzi ziklistek egin zuten aurrera aurrena. Beste 26 pixka bat geroago batu zitzaizkion bederatzikoteari. Eta Anquetil eta Poulidor, tropelean, atzean. Ziklistak oso sakabanatuta iritsi ziren helmugara, Pirinioetako Soulor eta Aubisque mendateak igarota, eta ihesaldietan ibilitakoek sailkapen nagusiaren lehen postuak bere egin zituzten. Anquetil eta Poulidor haiengandik urrun ziren. Jacques Goddet Tourreko zuzendariak Deabrua eta inozoa titulupeko editoriala idatzi zuen etaparen ostean, laburpen gisa. Hots, Anquetil izan zen deabrua, Lucien Aimar taldekidearen mesedetan, bere aurkari nagusia, Poulidor, hari itsatsita mantendu zuelako. Poulidorrek, aldiz, inozo jokatu zuen Goddeten iritziz, ihes egindakoen atzetik berehala ez atera izanagatik. Anquetilek botatako amua irentsi zuen. Alpeetara iritsita, aurreneko etapan, Anquetil atzean geratu zen, baina bigarrenean, Galibierren gora, eraso egin eta bakarrik Poulidor izan zen gauza haren atzetik abiatzeko. Maillot horia oraindik ere urrun zegoen, baina bi txapeldun handien arteko lehia gori-gori zegoen, Briançon eta Turin arteko etaparen atarian, hain zuzen ere. Anquetilen taldekide Lucien Aimarrek, Pabeko etapa eroan aurrean helmugaratu zirenetako batek, aurrera jo zuen Turinera bidean, abantaila handia hartu eta lider jarri zen. Anquetilek ezin izan zuen Parisera iritsi. Hiru etaparen faltan, bronkitisak jota, Saint Etiennera bidean bizikletatik jaitsi egin zen. Parisera Aimar gaztea iritsi zen horiz jantzita, bigarren izan zen Poulidorren etsipenerako. Anquetilen azken Tourra izan zen hura, 32 urte zituela. Horratx zenbakiak: bost aldiz sailkapen nagusiaren Dopinaren orbaina irabazlea, 15 etapa garaipen –haietatik 11 erlojuz kontra– eta 50 egun maillot horiarekin. Tour hartan, dopinaren auziak ere oihartzuna izan zuen. Ziklistak kexu ziren dopinaren aurkako azterketak zirela eta. Ez zuten ulertzen zergatik horrenbesteko zorroztasuna bakarrik haiekin. Beste kiroletan halakorik ez zegoela salatu eta etapa baten hasiera oinez egin zuten, protesta bezala. 32 urte geroago, 1998an, Tourra hilzorian jarriko zuen Festina auziak eztanda egingo zuen... De Gaullek saritu zuen Alemaniako Nurburgrin herrian jokatutako Munduko Txapelketa luxuzkoa izan zen, ziklista indartsuenak iritsi zirelako buruan azken kilometroetara. Altig alemaniarra atera zen garaile. Giroa gaiztotuta zegoen denboraldi hasieratik dopin aferarengatik, eta Munduko Txapelketa beste kate-begi bat izan zen. Helmugara iritsita, besteak beste, Mottak, Stablinskik, Poulidorrek eta Anquetilek ez ei zuten entzun dopinaren aurkako kontrola pasatzeko bozgorailu bitartez eginiko deia. Ondorioz, etxera joan ziren kontrolik pasatu gabe eta zigortu zituzten. Lieja-Bastonge-Liejaren garaipena susmopean geratu izana, Giroa eta Tourra ezin irabazi, Munduko Txapelketan zigorra... Denboraldiaren zapore mikatza kentzea nahi zuen Anquetilek, kosta ahala kosta, eta bere lasterketa kutunean erdietsi zuen hori: Les Nationsen. Bederatzigarrenez irabazi zuen erlojuz kontrako klasikoa Jacquesek. Merckx gaztea eta Giroan bere aurretik sailkatutako Gimondi italiarra mendean hartu zituen. Anquetil eta Merckx lasterketa bateko lehen eta bigarren postuetan, hurrenez hurren. Oraina eta geroa. “Atleta bat dopatu egiten da azukre koskor bat hartzen duen momentutik”. Anquetilen adierazpenak dira. Denboraldi hartan piztutako sua amatatu beharrean are gehiago hauspotu zuen. De Gaulle jeneralak Ohorezko Legioaren zaldun izendatu zituen zenbait kirolari, tartean Anquetil. Bat batean, baina, sarituen zerrendatik desagertu egin zen. Zer gertatu zen? Nahigabe eginiko hanka sartzea izan al zen ala dopinaren inguruko gorabeherengatik gertatu zen hori? Kontuak kontu eta zalantzak zalantza, azkenean Anquetil saritu zuen De Gaullek, eta oroigarria jaso ostean, honakoa esan zuen Anquetilek dopinari buruz: “Txapeldun profesional batek etengabeko zaintza behar du, beti ere mediku batek gidatuta. Nire ibilbide luzeak agerian uzten du arlo honetan ez dudala inoiz gehiegikeriarik egin. Bestalde, ez dut sekula uste izan txapeldunik sor daitekeenik produktu miresgarriei esker. Eta hau guztia gazteei esateko prest nago”. Urak ez ziren baretu, eta hilabete gutxi batzuk geroago dopinaren zurrunbiloak gaina hartuko zion berriz ere kirol jardunari. Orduaren Errekorra berriro ere Tiradera batean sartuta utzitako erronkari helduko zion Anquetilek 1967. urtean. Orduaren Errekorra. 1956. urtean Coppirena hautsi zuen eta hamaika urte geroago marka Riviereren esku zegoen. Belodromorantz jo aurretik, errepideko zenbait lasterketa jokatu zituen. Hasteko, Frantziako Kriteriuma. Lasterketa jokatzekoa zen goizera arte parte hartu behar zuen edo ez ezin argitu. Berez, gainontzeko kideekin batera zegoen hotelean, baina ustezko eztarriko minagatik ez zela aterako esan omen zien taldekideei bezperan. Geminianik, ordea, azti jokatu zuen eta gaixotasunik ez zuela konturatu zen; Jacquesek ez zuen nahi etxean, Frantzian, Poulidorrek bera garaitzea. Zuzendariak psikologo lanak egin zituen eta afarian mariskoa jan eta whiskia edaten zuten bitartean, Jacques biharamunean korritzeko konbentzitu zuen. Lasterketaren lehen zatian gaixoarena egin behar zuela esan zion zuzendariak Anquetili, aurkariak nahasteko. Esan eta egin. Karreraren lehen partean tropelaren atzean joan zen, gaixo balego bezala, eta proba erabakiko zen zatian, berriz, tropelaren aurrealdera pasatu zen eta azkenean, kontrario guztiak menperatu zituen. Babesle berriarekin, Bic-ekin, lorturiko lehen garaipena izan zen. Anquetilek asko maite zuen Italia, baina beste txirrindulari askok ez bezala, uko egin zion Italiako talde batera joateari. Oso eroso sentitzen zen etxean, Normandian. Ez zegoen bizitokia aldatzeko prest. Ezta pentsatu ere. Horregatik bere kirol ibilbide guztia Frantziako taldeetan egin zuen. Ezin aipatu gabe utzi 1955eko Italiako Baracchi saria bertako Bianchi taldearekin lehiatu zuela, baina hori behin behineko erabakia izan zen, bere ordura arteko taldea, La Perle, desegin baitzen. Giroa hirugarrenez irabazten saiatu zen 1967an. Trentora bidean, eguraldi ezin makurragoa zela eta mendatez jositako etapan, taldekide guztiak erretiratu zitzaizkion, bat izan ezik: Lucien Aimar. Hori horrela, maglia arrosarekin bukatzea amets hutsa zen. Ez zen, hala eta guztiz ere, amets hori errealitate bihurtzetik horren urrun izan. Zailtasunak zailtasun, lider jarri zen bi etaparen faltan, baina azken aurrekoan, Gimondik iskin egin zion tropelari eta horri esker Giroa irabazi zuen. Hura izan zen Anquetilen azken itzuli handia, eta podiumean bukatu zuen. Dopinaren gurpil zoroan 1967ko Tourrean parte hartu ez, baina hala eta guztiz ere protagonista bilakatuko zen Anquetil. Zenbait artikulu idatzi zituen prentsan eta horietako bat irakurrita, bereziki titularra irakurrita, dopatu zela ondoriozta zitekeen. Gerora artikulu hura ez zuela idatzi esango zuen eta honakoa arrazoitu: “Inozoa izan behar da gero, sinesteko txirrindulari profesional batek eutsi diezaiokeela suspergarririk hartu gabe. Nik bitaminak baliatzen ditut, beti ere nire medikuen oniritziarekin. St Micheleko sendagileei ere aholkua eskatzen diet, hiru hilabetean behin mediku azterketa egiten baitut bertan. Sekula ez naiz dopatu”. Dopina berriz ere kirol ikuskizunaren gainetik zegoen. Are gehiago, Tom Simpson Mont Ventouxen gora hil zen Tour hartan; mingain gaiztoek dopinarekin lotu zuten Simpsonen heriotza, nahiz eta mediku azterketen arabera bihotzekoak jota hil zen ingelesa eta horretan ez zuen zer ikusirik izan dopinak. Azkenean, ez zen argitu artikulu polemiko hura Anquetilek idatzi zuen edo ez, baina Frantziako zein Munduko Txapelketan parte hartzea galarazi zioten. Giroa irabazi ez izanak guztiz ozpindu zuen Anquetil. Uste zuen italiarrek zikin jokatu zutela, hain justu ere italiar batek itzulia irabaz zezan. Ezinegona eta haserrea ezin baretu eta Parisko jatetxe batean talde osoarekin izandako afarian taldekideei beraiei oldartu zitzaien. Hori guztia ikusita, Geminiani zuzendaria oso kezkatuta zebilen eta Jacques suspertzeko erronka etorri zitzaion burura: Orduaren Errekorra. Bi urte lehenago, Bordele-Paris lasterketarekin gertatu bezala, ezezko borobila jaso zuen Geminianik hasieran. Ezta pentsatu ere. Orduaren Errekorra oso proba gogorra zen eta Anquetilek ondo gogoan zuen asko sufritu zuela hamaika urte lehenago, Coppiren marka hautsi zuenean. Baina beste behin ere Geminiani nekaezinak Anquetil konbentzitu zuen. “Edo Orduaren Errekorra hausten duzu, edo bestela hobe duzu behiak zaintzeari ekin”, bota zion lotsagabe. Motorra ondo berotzeko, Kataluniako Voltan lehiatu zen Jacques, eta irabazle atera zen. Saiakera, nola ez, Milango Vigorelli belodromoan egitekoa zen. Irailaren 27a izan zen finkatutako eguna. Goizean goiz, errepidera atera eta 35 kilometroko entrenamendu saioa egin zuen: 11:00ak pasata, bazkaria: urdaiazpikoa, pasta, xerra, fruta, Coca-cola eta kafea; 15:30ean belodromoan, motorraren atzetik, 15 minutuko saioa, eta 17:22an hastekoa zen Riviere herrikidearen marka hausteko ahalegina. Haizea zebilen, baina, eta eguraldi adituengana jo behar izan zuten, zer egin erabakitzeko. Azkenean, 17:38an lanean hasi zen eta 60 minutu geroago marka berria ezarria zuen: 47 kilometro eta 493 metro, Rivierek baino 146 metro gehiago egin zituen 60 minutuan. Lehengo denboralditik bizkar gainean zuen mamua berriz ere agertuko zen: medikuek une hartan bertan dopinaren aurkako azterketa egin behar zuela agindu zioten. Anquetil eta Geminiani harri eta zur geratu ziren, ordura arte UCI Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak aurrez gutun bidez jakinarazten zien txirrindulariei kontrola igaro beharko zutela proba jakin batean parte hartu eta gero, eta orduko hartan ez zen halakorik gertatu. Anquetil eta Geminiani kontrol hura pasatzeko modua duina ez zela egotzi zioten medikuari –pixa egin ahal izateko edateko urik ere ez eman izana leporatu zieten kontroleko arduradunei– eta azterketa hotelean egiteko eskatu zioten. Azkenean, Anquetilek ez zuen kontrola pasatu, eta beraz, Vigorellin arratsalde hartan 10.000tik gora zaleren aurrean egindakoaren arrastorik ez dago Orduaren Errekorra hautsi duten txirrindularien zerrendan, Italiako Txirrindularitza Federazioak hala erabakita. Lorpena baliogabetu zuten. Geminiani ahoberoak ez zuen dudarik: bere iritziz, italiarren ‘vendetta’ izan zen, izan ere, nola Anquetilek hala Geminianik berak behin baino gehiagotan salatu zuten Giroan Italiako ziklistek ez zutela mendateetan gora garbi jokatzen eta zaleek bultza egiten zietela kateatuta gera ez zitezen... Bertsioak bertsio, alferrikako ahalegina izan zen, beraz, Vigorellikoa. Frantziako buruzagien jarrerak ere sumindu zuen Anquetil. Inork ez zion ezta telegramarik bidali Italian lorturikoagatik zoriontzeko. Handik gutxira, ordea, Orduaren Errekorra ondu zuen Ferdi Bracke belgikarrak Frantziaren zorion agur ofiziala jaso zuen. Bere herrialdeko agintariek beraiek mespretxatu zutela sentitu zuen Jacquesek. Azken bi garaipen handienak, Lieja-Bastonge-Lieja 1966an eta Orduaren Errekorra 1967an, ilunduta geratu ziren. Raphaël Geminianik Mes Quatre vérités liburuan azaldu zuenez, Anquetilek eta berak ez zuten apenas dopinari buruz hitz egin: “Kontuz ibiltzeko esan nion eta berak lasai egoteko erantzun. Egia esan, ez dakit Anquetil dopatu zen edo ez, baina ez zuen behar. Nik uste dut bere sekretua magnetizatzen zuen doktorea zela. Lasterketa garrantzitsu guztien atarian –Italiako Giroa, Frantziako Tourra, Bordele-Paris...– berarengana jotzen zuen. Ez dakit plazebo efektua izango ote zen, baina indarberrituta eta moralez gainezka ateratzen zen kontsultatik”. Azken atzaparkada, Euskal Herrian Bere kirol ibilbidearen azken zatian, Anquetilek erronka handiak, hala Giroa edo Tourra nola Orduaren Errekorra, alboratu zituen behin betiko. 1968an bi probatan egin zuen dir-dir. Oraindik tropelean bazegoela ozen esan nahi izan zuen Lieja-Bastonge-Liejan. Beste lau ziklistarekin iritsi zen Liejako belodromora, Poulidor, Van Springel, Godefroot, eta Van Sweeveltekin. Anquetilek azken esprinta abiarazi zuen, aurkarien artean bera baino azkarragoak ziren ziklistak zeuden arren. Zergatik orduan ekimena hartu? Nonbait Poulidorri lagundu nahi izan zion, aurrera eraman nahi izan zuen, baina Poulidorrek ezin hari jarraitu eta azkenean, Van Sweeveltek altxatu zituen besoak. Denboraldia bukatu aurretik, berarentzat probarik kutunetakoa zen Baracchi irabazi zuen Jacquesek, hirugarrenez; Gimondirekin aritu zen. Anquetilen azken denboraldian, 1969an, lema aldaketa ikusi ahal izan zen errepidean. Paris-Nizako krono igoeran, Merckx belgikar gaztea Anquetilen atzetik abiatu zen, minutu eta erdi geroago, eta hala ere, erlojuz kontrako maisua, Maître Jacques, harrapatu eta atzean uzteko gauza izan zen. Dena dela, podiumera igo zen Anquetil, Merckx txapelduna eta Poulidor bigarren sailkatuaren ondoan. Merckx, Poulidor eta Anquetil podium berean. Beste irudi historiko bat, zinez. 1969ko apirilean, Euskal Herrira etorri zen Jacques. Urte luzeetako lehortearen ondoren, Euskal Herriko Itzulia antolatu zuten, La Voz de España kazeta eta Bicicleta Eibarresaren elkarlanari esker. Hilaren 16tik 20ra 39 ziklista lehiatu ziren, Kas, Fagor, Bic eta Mercier taldeetan. Ispasterko Gabika, Perurena errenteriarra eta Ocaña espainiarra ziren Fagor talde indartsuko liderrak. Poulidor buru zuela etorri zen Mercier, Kasek Ibarruriko Gandarias ekarri zuen sailkapen nagusia lehiatzeko, eta Bic taldeari zegokionez, Jacques Anquetil zen talde burua, eta haren mesedetan lan egin behar zuten ziklisten artean Abarzuzako gazte bat zegoen: Jose Miguel Etxabarri, mende laurden geroago Miguel Indurain gidatuko zuena. Jonhy Schleck ere, Frank eta Andy anaien aita, Anquetilen alde lan egiteko pronto zegoen. Euskal Herriko Itzuli hartako lehendabiziko etapa, Eibar eta Gasteiz artekoa, Bic taldeko Wrightek irabazi zuen, alegia Anquetilen taldekide batek, eta ondorioz, lider jarri zen. Nork eta Gino Bartalik jarri zion soinean maillota Wrighti. Italiako txapeldun handia omendu zuen antolakuntzak, hark irabazi zuelako ordura arteko azken Euskal Herriko Itzulia, 1935ekoa. Bigarren etapak Gasteiz eta Iruñea lotu zituen. Bidean, Udana, Etxegarate, Lizarraga eta El Perdoneko mendateak. Lizarraga jaisten, Kas taldeko Castellok erasoa jo zuen eta soilik bost ziklista atera ziren bere atzetik, tartean Anquetil. Galera espainiarrak etapa irabazi zuen, eta sailkapenaren burua lortu zuen. Haren atzetik, orpoz orpo, San Miguel, Castello, Diaz, Perurena eta Anquetil. Poulidorrek egun beltza izan zuen, Udana mendatearen jaitsieran jausi egin zelako eta aurretik zihoan seikotea begi bistan zuela, bi bider zulatu zuelako gurpila. Zazpi minutu eta erdi galdu zituen helmugan. Ez zegoen, ordea, amore emateko prest. Iruñea eta Donostia artekoa profesionaletara iritsi berria zen Ocaña espainiarrak irabazi zuen. Ocañak eta Poulidorrek Jaizkibelen utzi zituzten atzean gainerako txirrindulariak eta Anoetako belodromora ihes eginda iritsi ziren. Saiakerak saiakera, minutu erdi eskaseko aldea baino ez zioten kendu tropelari. Ondorioz, Galerak eutsi zion lidertzari. Laugarren egunean bi etapa jokatu zituzten: Donostia eta Gernika artekoan, 118 kilometroko etapan, Azkarate, Areitio eta Autzagane igo behar izan zituzten. Raymond Riotte nagusitu zen. Bakar-bakarrik helmugaratu zen, bost minutuko aldearekin. Galerak lehen postuan jarraitzen zuen. Arratsaldeko erlojupeko saioan, Gernika eta Bilbo arteko 43 kilometroetan, erabakiko zen itzulia. Gabika eta Anquetil, Anquetil eta Gabika. Haiek ziren faboritoak denbora berean baitzeuden sailkapen nagusian. Galerak, lider izanda ere, ez zuen aukera handirik lehen postua mantentzeko bakarkako lanean. Erlojuz kontrako lehian, Poulidor nagusitu zen, Ocaña bigarren izan zen eta Anquetil hirugarren. Lehia estua izan zuen Ispasterko karreristarekin, baina Anquetilek 32 segundo gutxiago behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Poulidor eta Ocaña lekutan zeuden sailkapen nagusian, eta, ondorioz, Jacquesek jantzi zuen liderraren elastikoa. Sasoi onenetik urrun egonik ere, Gasteiz eta Iruñea arteko etapan ihesaldian sartu izanak eman zion itzulia lehiatzeko aukera. Azken egunean, Bilbon hasi eta Eibarren bukatutako etapan, Fagorrek sua piztu zuen Ixuan gora, Anquetil atzean utzi nahian, baina ez zuten lortu. Perurenak irabazi zuen Eibarren eta Anquetil podiumeko koskarik gorenera igo zen. Irabazitako azken itzulia izan zen hura. Beste aldetik, Anquetil eta bere taldekideak itzulian zuzendu zituen Raymond Louviot egun gutxi batzuk geroago hil zen auto istripuz Dunkerkeko lasterketa batera zihoala. Jacquesek Frantziako Tourra ez zuen korritu. Ofizialki bederen. Izan ere, RTL Luxenburgoko Telebistarako esatari lanak egin zituen eta etapa guztiak bizikleta gainean egin zituen, ziklisten aurretik. Haren hasierako asmoa etapa bakoitzean 50 edo 100 kilometro egitea zen, eta gainerakoa, emaztearen autoan. Baina errepide bazterrean pilatutako zale andana bera ikusi bezain laster txaloka eta bibaka hasten zitzaizkion, eta horren aurrean, ezin bizikletatik jaitsi... Zein eta Roueneko Kriteriuma izan zen bere azken garaipena. Etxe ondoan. Ongi baino hobeto ezagutzen zuen ibilbidean nagusitu zen, gaztetan Sotteville taldean aritzen zenean bezala. Denboran atzera egitea bezalakoa izan zen. Nerabezarora itzultzearen parekoa izan zen. Garaipen hura ezin zen Tourra edo Giroarekin alderatu. Ezta Les Nationsen egindako balentriekin ere. Baina barru-barruraino iritsi zitzaion Anquetili Rouenen irabazi izana eta festa aparta antolatu zuen bere etxean. Bere taldekide eta aurkarietako batzuk gonbidatu zituen, hala nola, Janssen, Adorni, Gimondi, Stablinski...eta baita Poulidor eta Altig ere. Liskar bat baino gehiago izan zituen Anquetilek bai Poulidorrekin bai Altigekin urte batzuk lehenago. Hala eta guztiz ere, egun hartan denak elkartu ziren ospakizunean. Jan eta edan zuten aspertu arte. Lege zaharrean. Whiskiz eta xanpainaz beteriko paleak ekarri ohi baitzituzten Jacquesen etxera denboraldi bukaeran. 30 lagun inguru elkartzen ziren, hotelean bailiran. Luis Ocaña ziklista espainiarra eta Antoine Blondin eta Pierre Chany kazetariak ere Anquetilen apopilo bihurtu ziren. Bere haurtzaroko eta nerabezaroko lagunei ere harrera egiten zien maiz. Belgikan, Anberesko belodromoan, lehiatu zen Anquetil azkeneko aldiz, beste behin ere Merckxen kontra, 1969ko abenduaren 26an. Belgikarraren aroa hasi berria zen –urte hartan irabazi zuen aurrenekoz Tourra–, eta Anquetilek ordurako bukatutzat emanda zuen berea. Frantziako Tourra bost aldiz irabazten lehena izateagatik du Anquetilek toki berezia txirrindularitzaren historian, baina baita erlojupekoetan urtetan jaun eta jabe izateagatik. Ez alferrik 11 etapa irabazi zituen Tourrean erlojuz kontra. Eta hori gutxi balitz bezala, Grand Prix des Nations egun bakarreko proba, hura ere erlojuz kontrakoa, bederatzi aldiz eskuratu zuen. “Hankak eta burua, arlo fisikoaren eta mentalaren arteko batura; ekuazio asko askatzeko”. Urte askoan, Frantziako Tourra jarraitu zuen Jacques Augendre kazetariaren hitzak dira, erlojuz kontrako proben zailtasunari buruz ari zela. Anquetil inflexio puntua izan zen erlojupekoetan, Augendreren ustez, ordura arteko bat-batekotasunarekin errotik moztu zuelako. Ziklismoa utzi eta gutxira Pierre Chany kazetari eta adiskideari luze eta zabal mintzatu zitzaion Anquetil, batik bat erlojuz kontrako lanari buruz. “Erlojuz kontrako saioetan garrantzitsuena kemena da; min fisikoa jasan beharra dago, eta kontzentrazioari eutsi uneoro, baita zuzengune luzeetan ere. Nire posizio aerodinamikoa etengabe zuzentzen ahalegintzen nintzen, burua sorbalda artean sartzen. Gertatu izan zait erlojupekoetan aitarekin gogoratzea eta pentsatzea zorionekoa izan naizela, meategi batean edo Billancourteko muntai kate batean buka nezakeelako. Hala ere, tankera horretako burutazioak ez nituen sarri eduki, erdietsi beharreko helburuak zeharo xurgatzen ninduelako”. Erlojuz kontrako saioetan, matxurei, eta bereziki zulatuei, aurre egiteko orduan ere azti jokatzen zuen Normandiako ziklistak: “Probaren hasieran, gurpila zulatuz gero, hobe da bizikleta ez aldatzea. Izan ere, hartutako posizioari eustea garrantzitsua da. Nekez lortzen duzu posizio egokia beste bizikleta batean, nahiz eta bi bizikletak bi ur tanta bezalakoak izan. Matxura helmugatik 20 bat kilometrora gertatuz gero, orduan bai, hobe da bizikleta aldatzea, azken tarte horretan pedalei kementsu eragitea baita giltzarria. Bestalde, nahiago izan dut beti bizikleta aldaketa igoeretan izatea; jaitsieran denbora gehiago galtzen da, abiaduragatik balaztei eragin behar zaielako gelditzeko. Igoeretan, aldiz, matxura konpondu eta gero, mekanikariaren bultzada izaten duzu alde, berriz ere pedal kolpea hartzeko.” Erretiro ostekoa Txirrindularitza utzita, nekazaritza lanei ekin zien gogotsu Anquetilek. Saint Adrien utzi eta La Neuville-Chant-d’Oisel-en jarri ziren bizitzen Jacques eta Janine senar-emazteak, Rouenetik hamar kilometrora, 275 hektareako lursail izugarri zabalean. Baso batek inguratuta zegoen etxea. Nolanahi ere, Anquetilek ziklismoa ez zuen guztiz baztertu eta esate baterako, Tourrean esatari aritu zen. Horrez gainera, Paris-Niza eta Midi-Libre lasterketetan ardura postuak izan zituen eta Frantziako taldeko zuzendari lanak egin zituen zenbait urtetan Munduko Txapelketetan. Behin txirrindulari profesionala izateari utzita, are estuagoa bihurtu zen Anquetil eta Poulidorren arteko harremana, lagun onak izateraino. Beste aldetik, naturak zeharo kateatua bizi zen Jacques. Gauez, bakar-bakarrik izarrei begira egotea gustatzen zitzaion; astronomia zalea zen. Bere lursail zabaleko basurdeak gauaren isiltasunean entzutea ere gogoko zuen. Begirune handia zien animaliei. Sophie eta Christopher seme-alabak Urteak joan urteak etorri, Giroa, Tourra eta gainerako lasterketak eta aurkari guztiak iraganaren parte bilakatu zitzaizkion. Anquetilek aita izateko desioa gero eta handiagoa zuen. Haatik, Janine emazteak ezin zion seme-alabarik eman. Izan ere, haren bi haurdunaldiak oso gogorrak izan ziren eta aurreko senarrak tronpa lotura egin zion. Denboraren poderioz, nahia obsesio bihurtu zen. Janine emaztea horretaz jakitun zen. Anquetilek alokairuzko ama batengana jotzea pentsatu zuen, horrenbeste nahi zuen semea edo alaba izateko. Janine emazteari ez zitzaion ideia gustatu eta, azkenean, hemezortzi urte bete berriak zituen Annie alaba, aurreko senarrarekin izandako alaba, proposatu zion Anquetili. “Edozein bera izan ezik”. Hori izan zen Jacquesen bat bateko erantzun lehorra, baina azkenean iritziz aldatu eta Annie izango zen Sophie alabaren ama. Sophie Anquetilek duela urte batzuk plazaratutako liburuan haurtzaroa eta nerabezaroa kontatu zituen, luze eta zabal. Asko eta askorentzat guztiz ezezaguna zenak hautsak harrotu zituen. Sophiek liburuan azaldu zuenez, bi amarekin hazi zen: ama biologikoa, Annie, eta aitaren emaztea, berez amona zuena, Janine. Baita pozik hazi ere. Ondo gogoan du aitaren aurkaririk handiena, Poulidor, atsegin zuela eta behinola aitari Poulidorrengana joateko eskatu ziola bere txanoa eskuratzeko. Pasadizo barregarri horren ondorioz lagun min bilakatu ziren Anquetil eta Poulidor, eta ordutik aurrera behin baino gehiagotan aholkuak eman zizkion Jacquesek Poulidorri erlojupekoak prestatzeko. Sophie Anquetilek kaleratutako liburuan jasota dagoenez, oso luze jotzen zuten bere aita eta Poulidorren arteko poker partidek. “Ezin izan nuen inoiz Anquetil gorrotatu, nire bizitzaren parte izan baitzen”, aitortu zuen Poulidorrek. Urteen joanarekin giroa zeharo gaiztotu zen La Neuvillen, Anquetil eta bere familiaren bizilekuan. Ume txiki batek ekarri ohi duen poza eta zoriona desagertu zen gutxika-gutxika. Jacques Annierekin maitemindu zen, eta berarekin sexu harremanak izaten jarraitu zuen, Sophie alaba jaiotakoan ere. Azkenean, Anniek etxetik alde egitea erabaki zuen. Une hartan erotzetik gertu izan zen Anquetil, eta haren semeordearen emazte Dominique ere izan zuen ohekide. Horrek ekarriko zuen Janine eta Jacques banantzea. Anquetilek ordurako Annie berreskuratzea besterik ez zuen buruan. Ez zuen lortuko, baina. Hala ere, bigarrenez izango zen aita; Christopher semearen ama Dominique izan zen. Ordurako Anquetil gaixo zegoen. 1976an osasun arazoak hasi zitzaizkion. Aurrena, biriketan, eta gero urdailean. 1987ko Tourrean esatari lanak egin zituen –Stephen Roche irlandarrak Pedro Delgado espainiarrari azken arnasean irabazi zionekoa– eta itzulia bukatu bezain laster ebakuntza egin zioten urdaileko minbizia zela eta. Ebakuntzatik onik atera zen eta aste gutxi batzuk geroago, Frantziako taldea zuzendu zuen Austriako Munduko Txapelketetan. Etxera bueltan, okerrera egin zuen eta azaroaren 18an zendu zen. Poulidor izan zen Anquetil erietxean, hil zorian zela, bisitatu zuen azkenetakoa, eta une hartan hainbat egunkaritan eta liburutan jasotako esaldia bota zion Jacquesek hasieran aurkaria eta ondoren laguna izandakoari. “Mundu honetatik joateko tenorean ere, zu nire atzetik”. Quincampoixeko hilerrian lur eman zioten Anquetili, nola ez bestela, maillot horia hilkutxaren gainean jarrita. Gogaituta bukatu al zuen Anquetilek bizikletarekin? Haren jokabidea ikusita, baietz esan daiteke. Izan ere, gertukoek bakarrik hiru aldiz ikusi zuten bizikleta gainean lehiatzeari utzi eta gero. Pare bat ibilalditxotan, lagunartean, eta Sophie alabak zortzi urte bete zituen egunean; bizikleta gainean ikusi nahi zuela erregutu zion aitari eta Anquetilek egun hartan eman zituen azken pedalkadak; kulotaren partez bainujantzia soinean zuela, bere burua igerilekura bota zuen bizikleta eta guzti. Jacques hil eta hamar urtera, 1997an, Tourra Rouenetik abiatu zen. Egun hartan, Anquetili eginiko omenaldian, irabazi zuen lehen Tourreko –1957koa– taldekide guztiek parte hartu zuten. Horretaz gain, ordura arte Tourra bost aldiz irabazitako beste hiru txirrindulariek, Eddy Merckxek, Bernard Hinaultek eta Miguel Indurainek lore eskaintza egin zioten Quincampoixeko hilerrian. Anquetilen arrastoa toki batean baino gehiagotan geratu da. Esate baterako, Marignane herrian hari eskainitako kalea dago –artean ziklista profesionala zela ‘bataiatu’ zuten kale hura– eta haurtzaroa igaro zuen herriko kiroldegiari, Quincampoixekoari, bere izena jarri zioten. Hori guztia gutxi balitz bezala, Anquetilen azken bizitokiraino, La Neuville-Chant-d’Oiseleraino, iristen den lau kilometroko aldapak Côte Anquetil –Anquetil gaina– du izena. Malda hasten den tokian, gainera, bizikleta erraldoi bat dago, eskultura moduan. Eta gauzak zer diren: Rouengo, Normandiako hiriburuko, ikurra 500 urte baino gehiago dituen ordulari handi bat da. 1964ko Tourreko oroitzapenak (epilogoa) Bost urte Frantziako taldeetan eman eta gero, Espainiako Ferrys taldean nengoen urte hartan. Andorra eta Tolosa (Okzitania) arteko etapa hasi eta berehala, Envalira mendatean gora tropeletik alde egin genuen bost lagunek, tartean ginen Poulidor eta biok. Poulidorrek laguntzeko eskatu zidan, eta laguntzaren truke dirua emango zidala agindu. Nik zenbat eman behar zidan galdetu nion, eta berak dirua hitza esaten zidan frantsesez, eta nik, temati, zenbat eman behar zidan galdetzen jarraitu nuen. Ez zidan erantzun, eta erreleborik ez nion eman. Xuhurra zen Poulidor, gero...Helmugatik hogei kilometrora, tropelak, Anquetil bertan zela, harrapatu gintuen. Poulidorrek, atzera begiratzen ari zela, gurpila zulo batean sartu zuen. Bizikleta aldatu zioten, baina erritmoa hartzeko bultzada jaso zuenean, zilipurdika joan zen. Zergatik ez nion, bada, Poulidorri lagundu Anquetil atzean uzteko? Ba bost gindoazelako ihesaldian eta ez nuen etapa irabazteko ziurtasunik. Laugarren helmugaratu nintzen azkenean. Handik egun gutxira, berriz ere ihesaldian sartu nintzen, Puy de Domera bidean. Egun hartan, errepide estu batean, auto baten kontra jo nuen. Kolpe handia hartu nuen eta bertan josi behar izan zidaten besoa. Bizikleta gainean igo eta helmugara iritsi nintzen, 31. postuan. Egun hartan Malchanceren (zorigaiztoa) saria eman zidaten... Gogoan dut Anquetil ez zela oso hizlaria, eta irribarre lotsatia zuela; irribarre egiten zuenean ez zituen hortzak erakusten. 1960an Espainiako Vuelta esku-eskura izan nuen, baina azkenean, Poulidorrek irabazi zuen. Anquetilek galdetuko zidan gerora. “Baina nola gainditu zaitu, alajaina!”. Hura izan zen Poulidorrek irabazitako hiru asteko itzuli bakarra. Oso lehia estua zuten Anquetilek eta Poulidorrek, egiazki. Luis Otaño (Errenteria-Orereta 1934). Anquetilen urte eta hilabete berean –urtarrilean– jaiotako txirrindulariak 1958tik 1967ra hartu zuen parte Tourrean eta bitan baino ez zen erretiratu, 1959an eta 1967an. Hortaz, bertatik bertara bizi izan zituen Anquetilek irabazitako bost Tourretatik lau: 1961, 1962, 1963 eta 1964koak. 1966an, Anquetilen azken Tourrean, Privas-Bourg d’Oisans etapa irabazi zuen. Glosarioa Altig, Rudi Ziklista alemaniarra Anquetilen taldekidea izan zen zenbait urtetan. Taldekideak izan arren, bien arteko harremana nahiko liskartsua izan zen. Altig beste talde batera joan zenean alemaniarraren eta frantziarraren arteko harremanak hobera egin zuen. Anquetil, Christopher Jacquesen semea. Alain seme ordezkoaren emaztea, Dominique, gatibatu zuen Jacquesek bere azken urteetan eta harekin izandako harremanaren emaitza izan zen Christopher. Anquetil, Ernest Jacques Anquetilen aita. Igeltseroa zen, baina Bigarren Mundu Gerran, nazien mesedetan gotorlekuak egiteari uko egin zion. Familiarekin Quincampoixera mugitu zen eta nekazari bilakatu zen. Anquetil, Janine Jacques Anquetilen emaztea. Bere lehenengo senarra Anquetilen kirol medikua zen eta horrek hurbildu zituen Janine eta Jacques. Janinek bi seme-alaba zituen Anquetilekin ezkondu zenean, Alain eta Annie. Anquetil, Sophie Jacques Anquetilen alaba, 1972. urtean jaioa. Janine emazteak ezin zion seme-alabarik eman Jacquesi, baina berak kosta ahala kosta aita izan nahi zuen. Azkenean, Janine emaztearen alabak, Anniek, ekarriko zuen mundura Anquetilen alaba. Bahamontes, Federico Martin Espainiarrak 1959ko Tourra irabazi zuen eta sei aldiz nagusitu zen Mendiko Sailkapenean. 1964an hirugarren sailkatu zen Anquetil eta Poulidorren atzetik. Baldini, Ercore Italiako ziklista oso abila zen erlojupeko saioetan. Hain zen trebea, bera izan baitzen Anquetilen Orduaren Errekorra hautsi zuena, 1956an. Baracchi lasterketa Italian bikoteka jokatzen zen erlojupekoa. Denboraldiaren bukaeran izaten zen eta sona handia zuen. Anquetilek hirutan irabazi zuen: 1962ean Altigekin, 1966an Stablinskirekin eta 1968an Gimondirekin. 1991an jokatu zen azken aldiz. Bidot, Marcel 60ko hamarraldira arte Tourrean herrialdeka parte hartzen zuten ziklistek, beste karreretan ez bezala. Bidot Frantziako taldeko zuzendaria izan zen zenbait urtetan. Talde indartsuegia izan zuen, taldeburu bat baino gehiagorekin, eta horrek buruhauste franko eragin zizkion. Bobet, Louis Ziklista bretoiak Tourra hiru urtez jarraian irabazi zuen 50eko hamarraldian. Hori egiten lehena izan zen. Anquetilek 1957ko Tourra irabazi ostean, tirabirak izan ziren bien artean, batak zein besteak uste zutelako merezi zutela Frantziako taldeburua izatea Tourrean. Boucher, Andre Anquetilen lehenengo zuzendaria izan zen, Autocycle Sottevillais taldean. Profesionaletan egonik ere, usadio zaharrari eutsi zion Anquetilek eta zenbait proba behar bezala prestatzeko, Orduaren Errekorra kasu, Boucherren motorraren atzetik entrenatzen zen. Chany, Pierre Tourrean lanean ibilitako kazetari ezagunenetakoa, eta Anquetilen laguna. Jacquesek gonbidatu ohi zuen bere etxeko festa jendetsuetara, eta Anquetilek esan ohi zuen inork baino hobeto kontatzen zuela Chanyk errepidean berari gertatutakoa. 49 urtez jarraitu zuen Frantziako Tourra. 50.aren atarian hil zen, 1996an. Coppi, Fausto Italiak eman duen ziklistarik handienetakoa, handiena ez bada. Giroa bost aldiz (1940, 1947, 1949, 1952 eta 1953) eta Tourra birritan (1949, 1952) irabazi zuen. Anquetilen idoloa zen eta italiarraren azken urteetan, proba batzuetan, elkarren aurka lehiatu ziren. 1959ko urte bukaeran Coppi Alto Voltara –gaur egungo Burkina Faso– joan zen lasterketa batean parte hartzera, bertan gaixotu eta handik bueltan bere herrian, Novi Liguren, hil zen. Darrigade, Andre Anquetilen taldekidea izan zen luzaroan. Bere ondoan izan zuen 1957an, eta 1961an irabazitako Tourretan, itzulia herrialdeka jokatzen zen garaian. Anquetilek, bere aldetik, 1959ko Munduko Txapelketa irabazten lagundu zion. Hamalau aldiz parte hartu zuen Tourrean eta 21 etapa irabazi zituen. Jacques eta Andre oso lagun onak ziren. Gaul, Charly Luxenburgoko igotzaile aparta Anquetilen aurkari zitalenetakoa izan zen. Euriaren aingerua 1958ko Tourrean eta 1959ko Giroan gailendu zitzaion. 1956ko Giroa ere irabazi zuen. Geminiani, Raphaël Jacques Anquetilen zuzendaria izan zen zenbait urtetan. Elkarri mokoka aritu ziren behin baino gehiagotan, baina elkarrekin bide arrakastatsu eta oparoa urratu zuten. Zuzendaria izan aurretik, txirrindularia izan zen Geminiani eta bere izaerak isla zuen errepidean, erasotzaile peto-petoa zen eta. Coppi bezala, malariak jota etxeratu zen Burkina Fasotik 1959ko azken egunetan. Coppi zendu zen, baina Geminiani, ozta-ozta izan bazen ere, onik atera zen. Grand Prix des Nations Frantzian egiten den erlojupekoa. Iraila-urrian izaten da eta Anquetilek bederatzi aldiz irabazi zuen. Munduko Txapelketan eta Olinpiar Jokoetan erlojuz kontrako probari leku egin ziotenean, Les Nations bi proba horien itzalean geratu zen nabarmen, baina oraindik orain egiten da. Legrande, Marie Ernest Anquetilen emaztea eta Jacques eta Philipperen ama. Etxeko andrea izan zen. Gertu-gertutik jarraitu zituen semearen ibilerak. Bitxikeria gisa, 1958ko Parisko Sei Egunetan semea belodromoan bertatik bertara ikustera joan zen, baina erdi ezkutuan geratu zen, inor bera han zegoela kontura ez zedin. Bukatutakoan semearengana hurbildu eta platera eta pinoi konbinazioarekin ez zuela asmatu esan zion. Jacques gazteak –24 urte zituen– zur eta lur begiratu zion amari. Loroño, Jesus Larrabetzuko ziklista bosgarren sailkatu zen Anquetilek irabazitako lehen Tourrean, 1957an. Lau urte lehenago, 1953an, etapa eta Mendiko Sailkapena etxeratu zituen Frantziako Itzulian. Nencini, Gastone Mugelloko Lehoia goitizenez ezaguna, primeran jaisten zen, eta dohain horri esker oso estu hartu zuen Anquetil 1960ko Giroan. Urte hartako Tourrean gailendu zen italiarra. Pelissier, Francis Anquetilek profesionaletan izandako lehen zuzendaria izan zen, La Perle taldean. Haren esanetara lortu zuen Jacquesek lehen garaipen handia, 1953ko Grand Prix des Nations erlojupekoa. Ahoberoa zen, eta lehia handia zuen Frantziako beste talde nagusiaren zuzendariarekin, Antonin Magnerekin. Zuzendaria izan aurretik ziklista izan zen Pelissier, hautsak harrotzen zituen horietakoa. Bi etapa irabazi zituen Tourrean eta 1924koa utzi zuen, anaiarekin batera, lasterketako zuzendariarekin haserretu eta epelak esan eta gero. Poulidor, Raymond Ezin Jacques Anquetil aipatu Raymond Poulidor aipatu gabe. Masbaraud-Marignaten jaiotako txirrindularia 1962an eta 1964an, Tourrean, Anquetilekin igo zen podiumera –hirugarren eta bigarren, hurrenez hurren– eta gerora ere podiumean beste sei aldiz izan zen; inoiz, ordea, ez zuen koskarik gorena zapaldu. Errepidean aurkari zuzenak baziren ere, lehiatik kanpo oso harreman ona izan zuten, batik bat Anquetilek erretiroa hartu zuenetik aurrera. Puy de Dome Clermont-Ferranden dagoen sumendia. Ziklismoari dagokionez, 1952ko Tourrean igo zuten aurreneko aldiz, eta Coppik irabazi zuen. Haren maldetan Anquetilek eta Poulidorrek 1964an izandako lehia ezin estuagoak legenda bihurtu zuen. Mitikoa. Mont Ventouxekin batera, Erdialdeko Mendikateko aldapa tenteena da. 1988ko Tourraz geroztik ez dute Puy de Dome igo, errepidea estuegia delakoan. Riviere, Roger Anquetilengan ez ezik, Riviererengan ere itxaropen handiak jarriak zituzten Frantziako zaleek 50eko hamarraldiaren bukaeran eta 60koaren hasieran. Jacques bezala, gainera, oso iaioa zen erlojuz kontrako saioetan. 1960ko Tourrean irabazteko faborito nagusia zela, eroriko larria eduki zuen eta ez zen berriro ere bizikleta gainean igo. 1976an hil zen arte minaren minez bizi behar izan zuen. Simpson, Tom Ziklista ingelesa lehen pedalkadak ematen ari zen txirrindularitza profesionalean Anquetil gailurrean zegoenean. 1965eko Bordele-Paris lasterketa amaigabean bera izan zen Jacquesen aurkaririk handiena, eta urte berean Lasarten jokatutako Munduko Txapelketa irabazi zuen. 1967ko Tourrean zendu zen, Mont Ventouxen gora bihotzekoak jota. Stablinski, Jean Anquetilen taldekiderik fidelena. Irabazi zituen bost Tourretan aldamenean izan zuen, baita 1965eko Bordele-Paris klasiko handian ere. Vigorelli Milango belodromoa. Bertan lortu zuen Anquetilek Coppiren Orduaren Errekorra hobetzea, 1956ko ekainaren 29an. Bibliografia Liburuak Pierre Pelissier (1997) La legende de Jacques Anquetil. Rageot- Éditeur, Paris Christian Laborde (1998) Duel sur le volcan. Albin Michel, Paris Christian Laborde (2010) Le Tour de France dans les Pyrenées. Le cherche midi, Paris Sophie Anquetil (2004) Pour l’amour de Jacques. Bernard Grasset, Paris Raphaël Geminiani (2010) Mes quatre vérités. Jacob-Duvernet, Paris Raymon Poulidor - Jean Paul Brouchon (2009) Poulidor Le Poulidor. Jacob-Duvernet Hainbat egile. Retratos legendarios del Ciclismo. Edimat, Madril Carlos Arribas-Sergi Lopez Egea (2005) Cumbres de leyenda. RBA, Bartzelona. Aldizkariak Memoire du Cyclisme Mirroir Sport L’Equipe Magazine Egunkariak Marca La Voz de España Webguneak Urtekaria.com Filmak-dokumentalak Le Mystère Anquetil – Philippe Koly Janine Anquetil, La dame blonde – Gerard Courant XX. mendeko 50eko hamarraldian, Fausto Coppi italiar ahaztezinak liluratuta zituen txirrindularitza zale asko. Frantziak ere bazuen itzal handiko ziklista: Louison Bobet. Sasoi hartan, Bobeten lorpenak txiki utziko zituen txirrindulariak, Jacques Anquetilek, lehen agerraldiak egin zituen. Erlojupekoetan eman zuen bere burua ezagutzera, erlojuz kontra maisua baitzen Anquetil. Baina itzuli handiak ere begiz jo zituen Normandiako ilehoriak. Frantziako Tourra bost aldiz irabazten lehena izan zen, eta beste hainbat lasterketatan nagusitu zen, tartean 1969ko Euskal Herriko Itzulian.
http://www.txintxua.com/ AURKIBIDEA GIDOIA Hitzak eta bertsoak ASIER ALTUNAren bertsolari Filmaren liburua Bertsolari pelikula dokumentala Donostiako 2011 zinemaldiko sekzio ofizialean aurkeztu zen. Ondoren Euskal herria, Madril eta Bartzelonako areto komertzialetan estreinatu zen, 16.000 ikusle baino gehiagok ikusi zuten pelikula zine aretoetan. Ondoren, herriz herri proiekzio ezberdinak egin ziren gehienetan pelikulako protagonisten solasaldiekin. Internet bitartez ere pelikula ikusteko aukera zabaldu da filmin plataforma digitalaren bitartez. Pelikula on line ikusteko http://www.filmin.es/pelicula/bertsolari Munduko zine jaialdi ezberdinetan parte hartzen ari da gaur egun. Hauetako batean, Fortaleza(Brasil) hiriko Cine Ceara jaialdian Argazki onenaren saria jaso zuen. Zuzendariaren Hausnarketak Gaiak berak lagundu digu estimulu moduan filma sortzeko prozesuetan. Asko gozatu dugu inprobisatzen, gidoia filma egin ahala idazten, lehenik amaiera pentsatzen –bertsolariek egiten duten bezala–, bertsoen egitura eta pelikularena alderatzen, isiluneekin eta biluztasunarekin jokatzen, bertigoarekin. Baina batez ere intuizioak gidatu gaitu. Nora iritsiko ginatekeen oso ondo jakin gabe, prozesuarekin gozatu dugu, eta bukatu dugunean izugarrizko poza sentitu dugu. Fitxa Teknikoa Gidoia eta zuzendaritza ASIER ALTUNA Produkzio burua MARIAN FERNANDEZ Irudia GAIZKA BOURGEAUD Edizioa LAURENT DUFRECHE Musika HERRIKOJAK Zuzeneko soinua PABLO BUENO JOSEBA OTXOA Soinu edizioa eta nahasketak SONORA ESTUDIOS Fitxa Artistikoa MAIALEN LUJANBIO ANDONI EGAÑA JOSEBA ZULAIKA JOHN MILES FOLEY MIREN AMURIZA JON SARASUA Filmearen datu teknikoak LUZEMETRAI DOKUMENTALA KOLORETAN 35mm / DCP IRAUPENA: 90 MINUTU SOINUA: 5.1 / DOLBY DIGITAL FORMATUA:1:1,85 GIDOIA GELA-PASILLOA-ANTZOKIA. BARRUA. EGUNA. Gela batean dago bertsolaria silloi batean eserita. Walkia zinturoian lotuta eta pinganilloa belarrian daraman gizon batek atea zabaltzen du. Bertsolariak begirada larri bat botatzen dio sartu berriari, honek ordua iritxi dela adierazten dio keinu batekin. Bertsolaria zutitu eta atea zeharkatzen dute. Ixilean, pentsakor, gizonari jarraitzen dio bertsolariak. Pasillo luze bat zeharkatzen dute. Teloi beltz handi bat gurutzatu eta ate handi batera inguratzen gara. Bertsolariak antzokiko atea zeharkatzen du. Txalo hotsak entzuten hasten gara. Bertsolaria oholtzara zuzentzen da, txalo artean , jendearen animo artean. Bertsolaria oholtzara igotzen da. Aulkietan eserita daude beste zazpi bertsolari. Azken aulkia da hutsik dagoena. Bertara zuzendu txamarra bertan kolokatu, aulki ondoan dagoen ur boteilari txagoxka eman eta mikrofono ingurura zuzentzen da. MAIALEN OFF Gaia jarri aurreko instantearen ezaugarria alerta esango nuke. Begiak zabal, belarriak zabal, adimenak zabal, hor bai, dena jasotzera, gaia ongi entzutera, ondo kaptatzera eta integratzera zure barruan aukeratzeko ikuspuntu bat eta aukeratzeko enfoke bat. Bai, tentsio handi bat esango nuke, tentsio handi bat. Oholtzako alde batean dagoen emakumeari prest dagoela adierazten dio keinu batekin. GAI JARTZAILEA Bertsolaria zara, Zineko pantaila batean zaude, hor bestaldean zine aretoa jendez betea dago zuri begira. Bertsolaria pentsatsen hasten da. Kamara bere aurpegira inguratzen hasten da. Ixiltasuna. Bere begiek buruan ematen ari den aktibitatea adierazten digute. Ia ia begietara inguratu garenean, hitz ezberdinek pantaila betetzen dute. Hitz hauetatik bat agertzen da erdian besteen artean nabarmenduz. ZURRUNBILOA TUNELA. BARRUA. EGUNA. Bertsolaria tunel batetik dijoa nahiko azkar. Hitzak badatoz, badoaz, esaldi bat ere agertzen da. Bertsolaria hitz eta irudiz osatutako tunel batean ikusten dugu, konzentratua bertsoa osatzeko hitzak bilatzen. Gero eta azkarrago dihoaz hitzak, musikak tentsioa ematen du. EGAñA OFF Bertsolariaren buruan gai bat entzuten duenean, zurrunbiloa dabil. Bertsolaria, hitzekin nahastua, hitz artean galdua, pantailak hitzak betetzen ditu. Hitz hauek euskeraz, gaztelaniaz, frantsezes eta ingeleses agertuko dira. EGAñA OFF (CONT’D) Zurrunbilotik lehenengo irtetzen dena da hitz bat edo ideia bat. Lehenengo neurtu behar da, ideia hori egokia den zuk pentsatzen duzunerako edo publikoarentzat egokia izan litekeen. Gero esaldia jarri eta esaldi hori tolestatu errima batean bukatzen dela. Gero neurtu behar duzu ia aski errima ba dituzun famili hortakoak esan nahi duzuna esan ahal izateko. Eta hori 15-20 segundotan. Eta orduan hor gertatzen dira, sekulako korapiloak garunean. Bertsolariak “tunelean” jarraitzen du. Inguruan dituen hitzekin jada esaldi bat osatu du. Letra gutzi hoietatik pelikulari tituloa emango dion hitza aterako da. BERTSOLARI XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA. BARRUA. EGUNA. Ahozkotasunean aditua den Jhon Foley estatubatuarra kamara aurrean bertsolaritzari buruz uste duena kontatuko digu. FOLEY Poema horiek, bertsoak, ez dira existitzen bota aurretik. Bertsolariek ez dute buruz ikasitakoa botatzen, unean bertan sortzen dutena baizik. Eta oso modu zailean sortzen dituzte gainera, doinua, errimak, hainbat poesia egitura, gaiari erantzun, aurrekoaren bertsoari ere bai eta abar. Gauza asko egin behar dira aldi berean." BEC. BARRUA. EGUNA. 2009ko abenduko 13an BEC-en eman zen bertsolari txapelketako finaleko irudiak. FOLEY Modu askotan alderatu daitezke bertsolaritza eta munduko beste inprobisazio generoak. Baina nik orain arte ez dut ikusi saioak zuzenean ikustera joaten den jendetzaren neurriko ezer beste generoetan. Final horretan eman zen jendetzaren irudiak ikusiko ditugu. FOLEY (CONT’D) 13.000 edo 14.000 lagun biltzen dira hemen. Milaka lagun horientzat saioan bertan, zuzenean, egon beharra sentitzeko bezain garrantzitsua da saioa. Bertsotan ikusiko ditugu finalistak. FOLEY (CONT’D) 2005ean hemen izan nintzen finalaren aurreko txapelketako saioetan eta harrituta ikusi nuen hamahiru edo hamalau mila pertsonaren aurrean izandako finala. Eta harritu ninduen, horrez gain, telebistaz eta irratiz ere jende askok zuzenean jarraitu zuela jakiteak. Eta oraingoan internetez ere emango dutela jakin dut eta are harrigarriagoa da hori. Milaka lagun horientzat saioan bertan, zuzenean, egon beharra sentitzeko bezain garrantzitsua da saioa. Jendeak kontzertuetarako izaten duen irrikaren parekoa sentitzen dute. Eta nire ikasleei erakuts diezaieket badagoela lotura bat ahozko tradizioaren jardun horren eta bertara joaten den jendetzaren artean. Hori ez dugu ikusten liburuetan, jakina, eta hori da gauza garrantzitsuenetako bat: posible dela ikusleria hain jendetsua, gogotsua eta saioan hain inplikatua egotea. Eta nik uste hori lotua dagoela bertso-prozesuarekin identifikatua sentitzearekin. CLUB SAN FRANCISCO. BARRUA. GAUA. San franciscoko gau klub batean bi raperok inprobisazioak egoiten ikusten ditugu. Ez dago jende asko bi abeslari hauen jarduna ikusten, baina daudenak oso gustora daude. FOLEY Badugu antzeko zer edo zer Amerikako "poesia argotean", taberna-klubetan egiten dute. Herrialde hispaniar askotan ere egiten dituzte antzekoak; baita Sardinian ere, Mutegu Longu izenekoa. Han askoz formalagoa da eta ez dago gizartean hemen bezain barneratua. Ikusle multzo batentzat egiten den aurkezpen formala da hangoa. Hemen, berriz, bertsoak pertsonen eguneroko bizitzaren parte dira eta hori da niretzat ezaugarririk erakargarriena. HITZEN TUNELA. BARRUA. GAUA. Hitzen artetik bat narbamenduko da. BAT-BATEAN SAN FRANCISCOKO KALEAK. KANPOA. GAUA. Kaleko Jazz instrumento jotzaile bakarti ezberdinak euren instrumentoak jotzen. FOLEY Nik uste jarduera parekoena jazz musika dela. Jazza ere inprobisazioa da, baina ezin da edozer gauza egin. Tonu jakin batean jo behar da, instrumentu jakin bat, melodia bat jo behar duzu nolabait, baina melodia horren inguruan zerbait sortzen duzu. Lehendik existitzen ez zen zerbait egiten duzu. KAFE ANTZOKIA. BARRUA. GAUA. 2010eko udaberrian Bilboko Kafe antzokian eginiko bertso jazz saio esperimentalaren azken saioko irudiak ikusiko ditugu. Bertan Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Jon maia eta Amets arzallus bertsoa eta jazz nahasten ikusiko ditugu. EGAÑAREN GANBARA. BARRUA. EGUNA. Andoni Egaña, lau aldiz bertsolari txapelduna, bere lantokia den ganbaran ikusiko dugu. EGAñA Konturatu ginen performance bat zela bertsolariok beti, usadioz, duela ehundaka urtetatik egin izan duguna. Normalean edozein arte motatan, sormen momentua bat izaten da eta erakuste momentua beste bat. Baina bertsolariak alde horretatik, ez genekien baina performance-gileak gara. Beti koinziditzen du sortzen dugun momentua eta jendeak gure sormena entzuten duen momentua. ZARAUTZKO HONDARTZA. KANPOA. EGUNA. Andoni Egaña Hondartzatik paseatzen ikusiko dugu, itsasoa begira zigarro bat erretzen. ANTZOKIA. BARRUA. GAUA. Ander Lipus, aktore eta antzerki zuzendariak,bertsolaritzari eta antzerkiari buruz hitzegingo digu. Bapatekotasunaz, performanceaz, arte inprobisatuaz. ARETXABAETAKO AUZOA. KANPOA. EGUNA. Jon Sarasua, bertsolaria eta soziologoa. Bere auzoko elizpean bertsolaritzaz gogoetak egiten grabatu dugu. SARASUA Gune eta une batean gertatzen da. Eta gune eta une horren gurutzaketa ez da berriz inoiz errepikatzen, orduan, bertsoa da une bat, eta tak, momentu horretan sortzen dena. Pasa da. Bukatu da. Ez da inoiz errepikatu, une hori, eta ezta ere une horretan egon den sormen puntua. Eta nik uste dut bere berezitasuna dela gainera une horretan bertan ez bakarrik sortzen da, baizik eta hor ematen da eta hor agortzen da. Horrek nolabait bertsoa bihurtzen du une errepikaezinaren artisau, edo nahi bada une errepikaezinaren artista prekario. Beraz, da, arte edo sorkuntza modu bat erreproduzioetan oinarritzen ez dena, ez da kanta bat enegarren aldiz kantatu duzuna, ez dago erreproduziorik zentzu horretan, baizik eta da momentua, eta horrek egiten du igual berezi. Onerako eta txarrerako. Hau da, bere mugak ere hor daude. Bertso saio ezberdinen irudiak ikusiko ditugu. ZARAUTZKO HONDARTZA. KANPOA. EGUNA. Andoni egaña Hondartzako hondarretan makila batekin hitzak idazten hasi eta kantatzen hasten da. EGAñA Ilunabarra heldu da, etorri naiz nik ohi dudan modura... TABAKALERA. BARRUA. EGUNA. Esther Ferrer, Parisen bizi den artista Donostiarra elkarrizketatuko dugu performancea, bat-batekotasuna eta arte inprobisaturi buruz. Bertsolaritzari buruz ere galdetuko diogu. Performancea bat eskatuko diogu. SARASUA Bai, badaude beste gauzak ere, bakarrizketak daude, antzerkia dago, baina beti badago nolabait esanda gidoi bat, erreproduzio bat, prestatze bat atzetik, eta bertsoan berriz zoaz egunero bertsotara jakin gabe egun horretan, egun hori den erridikuloaren eguna, edo egun hori den distira berri baten eguna, ez dakizu bost minutu lehenago zer gertatuko zaizun, zer gertatuko den. Eta hori da. Askotan ekibokatu gara nik uste pre sentsazio horietan. Joan kristoren aldartearekin, eta joan asko emateko gogoz, eta ba ez daukat. Eta beste batzuetan zoaz nekatuta, zoaz bibrazio txarrekin, eta gertatzen da mirari koxkorra, inprobisazioaren mirari koxkorra, ez dakizu oso ondo zer faktorerengatik, baina gertatzen da. Eta nik uste dut hori ederra dela. SARASUA (CONT’D) Nik horretan, iruditzen zait inprobisazioak potentzial handia duela. Askotan uste dugu sorkuntza sofistikatua dela ba denbora asko etxean, hausnartzeko, behin eta berriz ikusi, behar dena ezta. Baina niri iruditzen zait sormenak askotan kolpeka funtzionatzen duela, baita idazten ari zarenean ere kolpe bat izaten da, intuizio momentu bat izaten da, eta bertsotan egiten duguna da sormen kolpe hori, intuizio hori, jende aurrean bilatu, sortzen ari zaren momentu berean bilatu, eta jada joan da, beste aukerarik ez daukazu. Bertsotan ere etor daitezke sormen kolpe onak, eta nik uste dut hor inprobisazioak badituela mugak, ezin duelako gero elaboratu eta hobetu, baina sinisten dut jendearen aurrean eta estuasun horretan eta zure burua tentsio goren horretara eraman eta aldi berean erlaxatzeko gai baldin bazara, sormen kolpe bikainak sor daitezkeela eta sortzen direla. Beste gauza bat da elaborazioa, horretarako ez daukagula gaitasunik, eta gainera sormen kolpe hori errenditu behar dugula oso hizkuntza jakin estu eta prekario batean. Inprobisazio ezberdinak ikusiko ditugu. SARASUA (CONT’D) Nik uste dut gaur egun gehixeago ematen ari zaiola bere lekua inprobisazioari, ez bakarrik bertsogintzan, baita beste alor batzuetan ere. Hala ere ez dut uste ez gutxietsi, ez gehiegi handietsi behar denik inprobisazioa, inprobisazioak bere mugak ditu, sorkuntzarako bere mugak ditu, eta aldi berean bere potentziala dauka arte sorkuntza moduan. Eta zehazki geureak, eta kantu inprobisatuak, kantu inprobisazio biluziak ba uste dut dituela potentzial batzuk beste batzuk ez dituztenak eta aldi berean ba oso muga zurrunak ere bai. Zer da erakusten ari dena bertsolaritza? Ba funtzionatzen duela, eta kultur sorkuntza erreal bat dela. Eta jendeari eragiten diola, iristen dela, eta kultur bide bat dela. SARASUA (CONT’D) Beti da inprobisatua, baina inprobisazioak baditu bi maila; batzutan segundu batzuk dituzu bukaera edo arkitektura prestatzeko, zati bat da beharbada segundu batzuetako prestaketa duena, eta beste zati batzuk dira segundu batzutako prestaketa ere ez duena, osea kantatzen ari zaren momentuan berean sortzen ari zarena. Orduan biak dira inprobisatuak, baina bat da hiper inprobisatua eta beste bat da gutxiago inprobisatua. MAIALEN Nik uste dut Bertsolaritza bat-batean gertatzen dela baina ez dela bat-batekoa. Atzean lan handia daukala, baina benetan plazan ateratzen den hori, bat-batean ateratzen den hori aurretik mamitutako hainbeste gauzaren emaitza dela. Eta bertso batean, lanbro batean bezala, bertso batean kutsatuta azaltzen direla aurretik egindako lan ordu guzti horiek. EGAÑAREN GANBARA. BARRUA. EGUNA. Egaña bere ganbaran kamarari hitzegiten. EGAñA "Bertsolaritza historikoki eta gaur egun ere dialektika da, argudiaketa argudiaketaren kontra eta horretarako gutxienez bi bertsolari behar dira. Hitza hitzaren kontra, argudioa argudioaren kontra. ZARAUTZKO HONDARTZA. KANPOA. EGUNA. Egaña Zarautzko hondartzan itsasoa begira kamarari bizkarra ematen. EGAñA Askotan pertsonaje baten paperetik jarduten dugu gai jartzaileak hala agintzen diguelako, ni bec eko finalean, zortzi orduan, izan naiteke Obama, , handik hogei minutura izan ninteke bizikleta zahar bat, handik hogei minutura izan ninteke angulero bat, handik hogei minutura athelitkeko jokalaria eta handik hogei minutura maitale despetxatua. Hoien denen paperean kantatzen duena ordea nere kasuan Andoni Egaña da eta entzuleak oso ondo daki maitale despetxatua ari dela baina Andoni Egañaren galbaetik, Andoni egañaren filtrotik pasa eta gero. Eta Jolas interesantea da hori. FOLEY Jendeak bertsolaritzaz ikasi dezakeena zera dela: giza adimenak ezinezkoak zirela uste genuen gauzak egin ditzakeela, oso gauza konplikatuak, gauza asko aldi berean eta gainera modu inprobisatuan. BEC. BARRUA. EGUNA. Amets arzallus, 2009ko finaleko finalistetako batek “Sua” gai bezela hartuta 2009ko finalean botatako bertsoak. AMETS ...Baina neretzat sua da bertsogintza, bertsoa balitza suaren baldintza, piz dezagun hitza, alaituz bizitza, hemen su horren bueltan dantzan gabiltza. Jendeak txaloka hartzen du bertsoa. De repente ixildu egiten da. Ixiltasun horrek BEC bezelako toki batean duen dimentsioa ikusten dugu. Eta bertsolari ezberdinak pentsatsen ikusiko ditugu. HITZEN TUNELA. BARRUA. GAUA. Hitzen artetik bat narbamenduko da. ATZEKOZ AURRERA ZARAUTZKO HONDARTZA. KANPOA. EGUNA. Andoni Egaña Zarautzko hondartzan atzeraka ibiltzen. Berak aurretik hondarrean eginiko aztarna berriro zabaldu eta hondarra ikutu gabe bezela geratzen da. EGAñA Bertsolariak pentsatsen dugu, bukaeran esan behar duguna eta bukaeran esan behar dugun hortatik, eraikitzen dugu bertsoa. Gertatzen dena da entzulearentzat, kontrako prosezua dela. Entzulea hasten da hasieratik bertsoa entzuten eta ez daki bertsolariak nora daraman. Bertsolariak bai, bertsolariak ba daki entzulea nora daraman eta berak nora iritxi nahi duen. Hain zuzen, aldez aurretik pentsatu duen puntu hortaraxe. Atzekoz aurrera egiten dugu beraz. " Irudi ezberdinak "rewind" efektua ipinita. Euria atzeraka, ibaia atzeraka, pausoak hondartzan atzeraka, bertsolariak ibiltzen atzeraka, euskal herriko paisaia atzeraka, karramarroa atzeraka, San francisco hiria atzeraka. Bertsolaria hiri erdian, bera atzeraka doa eta beste guztia aurreraka. Bera kontrako direkzioan doa beti. ESTUDIOA. BARRUA. EGUNA. Bernardo Atzaga idazleak estruktura narratiboei buruz hitzegingo digu. ELKARTEA. BARRUA. EGUNA. Mahai baten inguruan, jan edanean, plaza ugari egindako bertsolariak hamaiketako egiten ipiniko ditugu. Txomin Garmendia, Lizaso, Peñagarikano, Xabier euskitze, Azpillaga, Iñaki Murua, Florentino Goiburu, Patxi Iraola, manuel lasarte eta Patxi Etxeberria. ESTUDIOA. BARRUA. EGUNA. Joxe Angel Iriagaray idazle eta poetak euskaldunen ahoztasunari buruzko gogoeta egingo digu. Bertsolariak bukaera pentsatseko duen gaitasunari buruz hitzegingo digu, hizketaldian bukaera ondo errematatzeko duen gaitasuna. HITZEN TUNELA. BARRUA. GAUA. Hitzen artetik bat narbamenduko da. IXILTASUNA ANTZOKIA. BARRUA. EGUNA. Bertso saioan bertsolaria prest dago gaia entzuteko. Gaia jartzaileak mikrora inguratu eta gaia izango de hitza botako du. GAI JARTZAILEA Zuretzako gaia da... ixiltasuna. Bertsolariak gaia jaso eta pentsatsen hasiko da. Pantaila ixiltasunarekin erlazionatutako hitzekin beteko da. TABAKALERA. BARRUA. EGUNA. Maialen, 2009ko finalaren ondoren gaur egungo txapelduna, kamara aurrean silloi batean exerita hitzegiten digu. MAIALEN Kontziente zara isiltasunaren denbora horretaz eta bertsoa pentsatzeko denbora noiz den aski, noiz den gehiegi, inora begiratu gabe norbera kontziente da giroagatik, luze doan, labur doan, askotan ezintasunean baldin bazabiltza, borroka, barne borrokan, ezin bertso tolestuz, esku lanetan bezala, hitzak kabiarazi nahian eta ezin kabituz, denbora badijoa, denbora luze dijoa, pertzibitzen duzu, hasi egin beharra daukazu, kontziente zara denbora horren loditasunaz eta tentsioaz, eta bien bitartean zaila da esplikatzen zer gertatzen den buruan. Txapelketako finaleko publiko guztia ixilik. Bertsolariak bata bestearen atzean pentsatzen, mikrora inguratzen baina atzera bueltatzen. Jendea ixilik. Taberna baten jendea ixilik telebistara begira. Telebistan bertsolari bat mikro aurrean bertsoa osatzen ari da. Ixilik. Txalupa batean irratia ixilik. arrantzalea, ixilik arrantza egiten, radioa begiratzen du. Ixiltasuna islatuko duten irudi ezberdinak: olatuak bare bare,belarra haizeak mugitzen, kotxe berri aparkatuak lezoko portuan, eskabadora bat geldi obra batean, futbol zelai huts bat, maniki bat kale huts baten erdian. Antzokiko publiko guztia lo. Kirol ikuskizun batean jendea animatzen ikusiko dugu, soinua kenduta. Bertso saioan jendea ixilean itxoiten. MAIALEN OFF Isiltasun horren tentsioak agintzen du noiz hasi.. Noiz? Hor guri ere intuizio moduko batek esaten dizu, gehiago jasan ezin denean.“jada, bada garaia hasteko”. Handik aurrerako segunduak askoz ere, oraindik ere lodiago egiten dira, oraindik eta tentsoago. Eta badago holako akordio moduko bat jendearen eta bertsolariaren artean, eta badago holako denbora epe inplizito bat, hasi beharra daukazu. Ezin duzu gehiago jasan zure burua isilik, eta jendeak ere eskatzen du. Eta askotan hasi behar duzu benetan ezer inongo heldu lekurik eduki gabe, hasi eta... Saioko bertsolaria bertsoa botatzera doa. Jende guztia ixilik dago. MAIALEN Zuk kantatzen duzunaren bidez igual askatzen zara, espresatzen zara. Askatzen zoaz. Baina bilaketan, bilaketa momentuan, isilune momentuan holako erabateko barne biltze bat da, barneratze bat, eta gero bertsoak kantatzeko momentuan igual da berriz kanporatze bat eta espresatze bat ezta? Ez dakit Saioko bertsolaria jada kantuan hasi da. HITZEN TUNELA. BARRUA. GAUA. Hitzen artetik bat narbamenduko da. AMILDEGIA PILOTALEKUA. KANPOA. EGUNA. Jon Sarasuak bere auzoko pilotalekuko txokoan kamarari hitzegiten digu. SARASUA Askotan esan izan dugu, “puf, lasaiegi niok, hemen ez dator ezer onik”, sentitzen baldin badugu erlaxazio handiegia dela, ez dugu beharbada sorkuntza puntakoa egiten. Ez dakit zenbateraino bihur litekeen, ez dakit biokimika ez dut gehiegi ezagutzen, baina adrenalina sorkuntza ere lika edo bizio txiki bat gugan, baina garbi daukat seguru asko bertsolari baten bizitzan adrenalina kolpe horiek ezinbesteko osagai direla, ohitu egiten garela, eta gainera behar dugula baita ere bizitzaren abiadura sentitzeko. MAIALEN Nik uste dut beharrezkoa dela trantze momentu hori sortzeko edo bertsoa egiteko. Nolabait holako tentsio ikaragarri batekin eta kontzentrazio maila ikaragarri batekin lotzen dut, eta ez da beti erreza kontzentrazio maila hori lortzea. Baina niretzat kontzentrazio puntu hori, trantze puntu hori da, benetan emankorra dena. MAIALEN (CONT’D) Ni benetan kontzentrazio maila handi bat lortzen dudanean, bertsora bakarrik nago, beste guztia itxita dago. Jendeari begira nago baina ez dut jenderik ikusten. Masa nahi baldin bada. Baina ni ez naiz jendea ikusten ari, bertsoa ikusten ari naiz, eta bertsoa eraikitzen, eta kantatzen. Hori da kontzentrazio goreneko momentuan. Eta hori lortzen duzunean normalki nire kasuan behintzat oso seinale ona eta oso emaitza ona izaten da. BCBL. BARRUA. EGUNA. Donostian dagoen The Basque Center on Cognition, Brain and Language BCBL zentrora bertsolari batekin inguratu eta bertako espezialisten esku utziko dugu froga batzuk egiteko.Froga hauek bertsoa osatzeko momentuan, gaia jasotzean burmuinean geratzen diren aldaketak ikusteko egingo ditugu. Konkretuki: EEG (electroencefalograma, burmuinaren aktibitate elektrikoa neurtzeko), MEG (magnetoencefalografía, burmuinaren aktibitate elktromagnetikoa neurtzeko) eta MRI (resonancia magnétikoa).Bertako aditu batek bertsolariaren buruan ematen diren korapiloak teknikoki zer islada duten azalduko dizkigu. AMILDEGIA. KANPOA. EGUNA. Mendi bat zeharkatzen ari da kamara. Justu mendia bukatu eta amildegian barrena sartzen gara. Kamara amildegitik zehar doa mantxo mantxo, amildegitik goraka dijoa eta goian, amildegiaren ertzean maniki bat ikusten dugu mikroa aurrean duela. Maniki txuri bat. Kamara manikiaren inguruan bueltaka ari da. Kamara badoa amildegian barrena, perean beste mendi ertz bat dago, bertan hamar bat maniki zuri daude egurrezko aulki plegabletan eserita. Kamara bertara inguratzen da eta buelta batzuk ematen ditu. Bi mendixkak parez pare eta erdian amildegi izugarri bat ikusiko dugu. Kamara bien erditik dijoa SARASUA Nik uste dut aldi berean bertigoak berak laguntzen diola sorkuntzari. Bertigoak aktibatzen duela, baduela zerbait gure barruan sormena aktibatzen duena. Beharbada ohituragatik, osea horretara ohituta ez dagoen pertsona batek bertigoak sortzen diona blokeoa da, baina gu jada hainbeste ohitu gara sorkuntza momentuan bertigo pixka batekin jokatzen, lagundu egiten digu pixka bat hori motibatzeko. Niri gertatu izan zait hitzaldi bat eman behar dudanean, edo klase bat eman behar dudanean, edo zerbait inportantea egin behar dudanean, Bertigoa bilatzea, bertigo puntu bat bilatzea, nire onena eman ahal izateko, besteak harritzeraino. “Joder ez duk ezer prestatu?”, “eske igual behar diat ez prestatzea nire onena momentu horretan eman ahal izateko. Behar diat bertigo hori sentitu igual kalitate gorena emateko”. Ez dakit zenbateraino hola den gauza guztietan baina iruditzen zait sormen kolpe batzuk ez direla posible bertigo hori sentitu gabe. Bertsolari ezberdinak soo konzentratuak oholtzako aulkietan eserita. MAIALEN Bai, zentzumenen liberazioa edo lotura, ez dakit zer den. Zeren eta askotan tentsio goreneko momentutan sortzen duzu ongien. Ez dakit. Behar bada, dena, zentzumen guztiak itxi, eta kontzentrazio maila gorenera orduantxe iristen zara, beste ezeri sartzen uzten ez diozunean. Askotan tabladuan baldin bazaude oso pertzibitzera, oso kontestua eta ingurua jasotzera, igual kontzentrazioa galdu dezakezu. Esango nuke, txapelketan adibidez, finaleko une gorenetan, igual dena, poro guztiak, eta belarriak, eta dena itxi egiten duzula, zure baitan murgiltzen zarela, kontzentrazio maila harrigarri bat ikusteko, ez duzula jenderik ikusten, zure bertsoan bakarrik zaudela, eta igual da ba hori, zentzumen guztiak blokeatu eta buru barrenean murgilduta lortzen den gauza. SARASUA Nik uste beste bertsolari gehienak bezala iritsi naizela puntu batera bertigo hori handiegia ez sentitzeko. Ez dut gogoratzen azken urtetan behintzat gainditu nauen eta sorkuntzarako blokeatu nauen amildegia sentitu izan dudanik ia inoiz. Beti izan da kitzikatzen ninduen bertigo sentipen bat, eta sortzen lagundu zidan bertigo sentipen bat. Ez dakit, nik hori hola gogoratzen dut, segundu horiek beti. Ia-ia bilatzen ditudan segundu batzuk dira. Ni gogoratzen naiz nire azken urtetan, eta beharbada nire ibilbideagatik, egoten nintzela aulkian gaia jarzteko zain desiatzen “jarri hidak nei zailena”, desiatzen, zerbait zaila sentitzeko, zerbait gehio, ariketa zail bat jar ziezadaten desiatzen, aulkitik jaikitzeko desiatzen. MAIALEN Zeren eta askotan tentsio goreneko momentutan sortzen duzu ongien. Ez dakit. Behar bada, dena, zentzumen guztiak itxi, eta kontzentrazio maila gorenera orduantxe iristen zara, beste ezeri sartzen uzten ez diozunean. Askotan tabladuan baldin bazaude oso pertzibitzera, oso kontestua eta ingurua jasotzera, igual kontzentrazioa galdu dezakezu. Esango nuke, txapelketan adibidez, finaleko une gorenetan, igual dena, poro guztiak, eta belarriak, eta dena itxi egiten duzula, zure baitan murgiltzen zarela, kontzentrazio maila harrigarri bat ikusteko, ez duzula jenderik ikusten, zure bertsoan bakarrik zaudela, eta igual da ba hori, zentzumen guztiak blokeatu eta buru barrenean murgilduta lortzen den gauza. HITZEN TUNELA. BARRUA. GAUA. Hitzen artetik bat narbamenduko da. BERTSOEN HERRIA ARTXIBOKO IRUDIAK. Artxiboko irudien montajea ikusiko dugu. Euskal herrian egin diren pelikula ezberdinekin montaje bat. SARASUA Nik uste dut baita ere ikusi behar dela herri berezi batean gaudela. Nolabait esango nuke arazo existentzial bat daukan hizkuntza komunitate bateko partaide garela, askotan euskal arazoa ere ikusten da gatazka armatu moduan, edo gatazka politiko moduan, baina nik uste dut geure arazoaren azkeneko muina arazo existentzial kolektibo bat dela, gure euskaltasuna edo gure izaera kultural hau izan edo ez izaneko kinka horretan gaudela. Orduan, eta izan edo ez izaneko kinka horretan geure ardatza hizkuntza dela, eta hori pentsa dezakegu mila teorizazioren bidez, edo baita ere senti dezakegu oso txikitatik oso transmisio natural baten bidez. Eta euskaldun hitzak esaten duen moduan euskaradun, horrek egiten gaitu kulturalki nor, hori da gure arazo kultural politiko eta gatazkaren muina, eta nolabait horrek ematen dio hizkuntzari ere kontzientzia berezi bat, estatus berezi bat norbere baitan. Euskal herriko paraje berde batetik igarotzen ari da kamara. Ondoren, San Francisco hiritik igarotzen ikusten dugu kamara. Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariak San francisco hiriko kafetegia batean kafea hartzen ordenadorea aurrean dutela. MAIALEN Bertsoaren lurra da dudarik gabe euskararen lurra. Nik uste dut erabat dagoela bertsolaria lur horri lotua, bere lurrari, bere hizkuntzaren lurrari, erabat erroak dauzkala barneratuta. Horrek ez du esan nahi iraganari begira eta erroetara begira bakarrik dagoenik bertsolaria, eta berriz ere hau da nik uste dut gaur eguneko bertsolaritzaren ezaugarri interesgarrienetako bat: oso lurrari errotuta egonagatik oso gaur egunari eta munduari irekita dagoela. Eta benetan behar bada superbibentzi instinto bategatik ausartzen garela probatzen, bestelako disziplinekin nahasten, bestelako bertso formak bilatzen, bestelako espresio moduak, bestelako doinukerak. Lehengoak galdu gabe, baina berriekin konbinatuta. Eta hori nik uste dut hizkuntzaren eta bertsoaren superbibentzia senari dagoela lotuta. UREPEL. KANPOA. EGUNA. Michel Xalbador, Xalbador handiaren semeak lagunduta, iparraldeko bertso jarduna ezagutuko dugu, urepeleko Xalbadorren etxola bisitatu eta mattinen ahetzeko baserria. ARTXIBOKO IRUDIAK. Xalbador eta Mattinen irudiak ikusiko ditugu. Mattin elkarrizketa baten, Xalbadorren heriotzako irudiak. UREPELEKO BORDA. KANPOA. EGUNA. Xalbadorren Bilobek xalbadorren heriotza abestia kantatuko digute. DONOSTIAKO ALDE ZAHARRA. KANPOA. EGUNA. Jendetza Xalbadorren heriotza kantatzen. ELKARTEA. BARRUA. EGUNA. Bazkalosteko beroan jendea Xalbadorren heriotza kantari. TABAKALERA. BARRUA. EGUNA. MAIALEN Nik uste dut izan daitekeela bateragune moduko bat, jendeak bat egiten du bertso saioetan, ideologia ezberdineko jendea biltzen da bertso saio berean, adin ezberdinetako jendea, jatorri ezberdinetako jendea, eta horrek holako lotura bat sentiarazten du. Bestalde presente eduki behar dugu bertsoa jolas dialektiko bat dela eta beti arrazoiekin eta argudioekin ari garela lanean, eta era guztietako argudioak entzun daitezkeela bertsotan, jendearen buruan zerbait mugitu nahi dutenak, edo galdera batzuk utzi nahi dituztenak. Eta ederra da ikustea era guztietako jendea bertso saioetan biltzen dela. Nik uste dut lotura horren motiboa hizkuntza dela berriz ere, eta bertsoak balio dezakeela gaur eguneko egoera sozio politiko latz honetan benetan bateratzeko gune bat izaten, eta ez bakarrik bateratzeko, baizik eta hizkuntzatik eraikitako gauza baikor bat, kreatibo bat, dibertigarri bat, pentsarazten duena, aliziente bat dena, aberasgarria dena, hori dena da bertsoa. Eta benetan esango nuke Euskal Herriak behar dituela holako guneak eta bertsolaritza baino gehiago baldin balira askoz hobeto. Eta hortik ari gara eraikitzen gure kultur mugimendutxoa, gure alea jartzen. HITZEN TUNELA. BARRUA. GAUA. Hitzen artetik bat narbamenduko da. BERTSOLARIA ARTXIBOKO IRUDIAK. Artxiboko irudi animatuekin bertsolariak historiako momentu ezberdinetan ikusiko ditugu. EGAÑA Bertsolaria nere ustez, historian zehar izan da inprobisatzen duen pertsona bat, bertsolaria da betiere publiko baten aurrean bere ideiak eta pentsamenduak adierazten dituen pertsona bat. Nik uste funtzio diferenteak izan dituela historian zehar, beti izan du funtzio ludiko bat, hitzarekin jolas egiteak plazerra sortzen digu, bai ari gerenoi eta bai entzuten digutenoi, baina badu ere funtzio informatibo bat, garai batean askoz ere handiagoa, garai batean bertsolariak informazio gehixeago mugituko zuen herri xeheak baino, gaur egun herri xeheak bertsolariak aina informazio mugitzen du. Badu funtzio sozial bat, herriaren ainbat estratotan parte hartzen duelako eta nik uste baduela ere funtzio linguistiko bat ere. Politikoa ere baietz esango nuke, baldin eta hizkuntza eta ikuspegi soziala eta hoiek politikan sartzen direlako. Jon sarasua bere auzoko pilotalekuko txokoan kamarari bertso hauek botako dizkio gazteleraz. SARASUA Yo canto versos desde pequeño, pronto fui carne de escenario, siempre imberme (?) siempre precario, timidamente mas con empeño, fui con los años tejiendo un sueño, un sueño joven que hoy alivio, con esperiencia y con cariño,y aunque es bien poco adonde llego,yo improviso porque es un juego, yo improviso pues soy un niño. Se me han pasado casi veinte años, de plaza en plaza de gente en gente, tan temeraria y locamente, pero ahora si recuento daños, creo que ha habido pocos engaños, por defenderme me he disfrazado, al disfrazarme me he desnudado, y con el oyente he echo el amor, con bromas, risas, y hasta dolor, me he ido dejando en el tablado. En el telefono sono un aviso, voy con las manos en el bolsillo, a lo que salga a lo que pillo, soy un soltero con conpromiso, me se tan poco que me improviso, o igual no soy yo quien moviliza, este milagro de calma y prisa, solo es mia la alabanza, tal vez es dios en cosmica danza, la vida misma que me improvisa. Pero como es que hablo de mi, en la primera del singular, si soy un cruce triangular, entre el ayer el hoy y el aquí, en una herencia que recibi, yo solamente puse asomos, soy una hoja en cuatro tomos, de la historia del versolarismo, soy casi nada, pues soy yo mismo, soy casi algo, soy lo que somos. Y lo que somos es una historia, de poesia cantada al viento, un colectivo un movimiento, dando servicio a una memoria, a un pueblo viejo de poca gloria, pero de una larga esperiencia, improvisamos con la conciencia, de abrir espacio a nuestra suerte,en escenario de vida y muerte, improvisamos supervivencia. Si, canto versos desde pequeño, pronto fui carne de escenario, siempre inberbe siempre precario, timidamente mas con empeño, fui con los años tejiendo un sueño, un sueño joven que hoy aliño, con esperiencias y con cariño, hago un servicio me doy el pego,yo improviso porque es un juego, yo improviso pues soy un niño. SAN FRANCISCOKO PLAZA. KANPOA. EGUNA. Joseba Zulaika, Renoko Unibertsitateko Centro de estudios Vascos partaidea San franciscoko plaza batean elkarrizketatu dugu. ZULAIKA Bertsolaria izan da hitzaren maisua, egin duelako, hitz hori, neurtu, arte bihurtu, ugaritu, zabaldu, metaforizatu. Bertsolaritzak gure tradizioa ekarri eta aberastu eta transmititu digu, beste inork ez bezala. Eta bere funtzioa horretan da, paregabea, neurrigabea, profetikoa kasikan, hizkuntzaren gordailu bihurtu delako, bere arteagatik, bere imajinazioagatik, bere lanagatik. ARTXIBOKO IRUDIAK. Artxiboko argazki eta irudi animatuekin bertsolaritzaren historiatik paseotxo bat emango degu. Hamaiketakoan hitzegiten ari diren kontuak offean ipiniko ditugu. EGAÑA Garai batean libreko saioak egiten ziren gehiena, bi bertsolari aurrez aurre jarri eta elkarri bota zetorkiena. Gero txapelketak hasi ziren 1935ean. Horrek ya gai jartzaile baten figura eskatzen zuen, gaiak ipintzeko. FOLEY Ahozko tradizio guztiak bezala, bertsolaritza ere bakarra da bere diziplinan eta, aldi berean, munduko beste ahozko tradizioen antzekoa da. «Poesia norgehiagoka» esaten zaien diziplina horietakoa da bertsolaritza. Bi ahozko tradizio mota ikusi ditut nik gehien munduan. Lehenengoa, lehiaketa bidezkoa da. Elkarren aurka lehian aritzen dira, batzuetan taldean besteetan banaka. Bigarren mota, hori ere oso ohikoa, elegia da, dolu-errituala, norbait hildakoan egiten da. Horiek dira ahozko tradizio nagusiak, ia kultura guztietan daude. Uste dut, bertsolaritza, oso ohikoak diren poesia norgehiagoka mota bat dela baina bakarra dela zabaldu den moduari, gizarteko maila guztietan agertzeari eta ikusleen aniztasunari dagokionez. BILBOKO DISKOTEKA. BARRUA. GAUA. RAP frestyle kontzertu batean egongo gara Bilboko diskoteka batean. Gaur egungo RAPeroen arteko norgeiagoka eta bertsolarien artekoa ikusiko ditugu parez pare. Bata jendez betea, musikaz lagundua, jendea ohiuka, bestea ixilean, jendea lasai, bertsolariak a kapella. Xabier silbeirak, bertsolaria, idazlea eta abeslaria,lagunduta Hip hop mundua ezagutuko dugu. Rap-ean ematen den inprobisazio maila eta bertsolaritza alderatuko ditugu. HITZEN TUNELA. BARRUA. GAUA. Hitzen artetik bat narbamenduko da. INTERGENERAZIONALA KOTXEA. BARRUA. EGUNA. Joxe agirre eta Miren amuriza elkarrekin bertso saio batera abiatzen dira. Euren arteko elkarrizketa eta bertso saioa grabatuko ditugu. EGAñA Bertsolaria da pertsona bat espazio ezberdinetan mugitzen dena eta gainera egokitu egiten dena espazio desberdinetara. Uste bertsolaritza ba dela intergenerazionala ere, bai bertsolarion aldetik eta publikoaren aldetik. Aurten nik urbian artzaiekin kantatu eta hurrengo egunean, 21 urteko ikasleekin kantatu nuen arrasaten instituto politeknikoan. Hurrengo egunean akaso jubilatu bazkari batean kantatu dezaket. Eta hurrengoan gazteetxe batean, orduan bai bertsolariok daukagun harremana intergenerazionala da eta oso ofizio gutxitan ikusi dezakegu laurogei urteko pertsona bat , joxe agirren modura eta 19ko bat, Miren Amuriza, elkarrekin kotxean joaten jaialdi batera, eta hor ikaragarri ikasten du larogeikoak eta ikaragarri ikasten du hemeretzikoak" ANTIGUOKO FRONTOIA. BARRUA. EGUNA. Agirre eta Amuriza Antiguoko frontoian bertso saio batean ikusiko ditugu. SARASUA OFF Jo hori da beste gauza oso inportante bat. Zer transmisio sen egon den bertsolarien artean ere. Ez bakarrik mugimenduak eduki duela belaunaldi berrietara transmititzeko sena, baizik eta bertsolarien artean ere nik jaso dudala nire aurreko belaunaldiarengandik, jaso ditudala animoak, jaso dudala erakusteko gogoa, eta jaso dudala beraien artean onarpena, onartua izateko irekidura hori. Niretzat kristoren eskola izan da. Uste dut behar dugula pixka bat hori ere, denok gizaki bezala, baina euskaldunok ere bai, mirestea, hau da, eredugarriak diren sortzaileak hor daudela, eta hizkuntzaren gaitasuna eta artearen gaitasuna gorenera edo behintzat gu baino gorago eraman dezaketen pertsonak badaudela ikustea, behar du herri batek. Eta nik uste bertsolariek hori sinbolizatzen dutela. Pertsonen gaitasuna, burmuinaren sentipenaren gaitasuna, eta hizkuntzaren gaitasun gorena. Eta hori erakusten denean jarrera miresmenezkoa dela, eta nik miresmenetik bizi izan nuen. MAIALEN Eta bai, nire ustez, gaur egungo bertsolarien ezaugarri nagusietako dela esango nuke dela beren bertsokeraz asko pentsatzen dutela. Eta obserbatzen dutela zer egiten duten, zer egin nahi duten, zeinentzat, zeinentzako ari diren kantari, zein funtzio betetzen duten plazetan... Uste dut autoanalisia dezentea egiten dugula. HITZEN TUNELA. BARRUA. GAUA. Hitzen artetik bat narbamenduko da. BERTSOZ-BERTSO URBIARA BIDEA.KANPOA. EGUNA. Egaña urbia mendira oinez igotzen. EGAñA Ni saiatzen naiz, bertsotara noanean jendearengana asko hurbiltzen, berdinetik berdinera tratatzen edozein, asko nekatzen delako baina asko ikasten delako ere, jarrera kontua dela uste dut ezta. Urbiara baldin ba zoaz pentsatuz joder, beste denak jai dute eta nik hemen pasa behar eguna, seguruaski ez duzu ondo pasako ez duzu bertsotan ondo egingo, bazkaria luzea gertatuko zaizu eta aldiz bazoaz Urbiara pentsatuz zer pribilegio daukadan, hemengo artzaiekin aurrez aurre hitzegin dezaket, egingo dizkiet galderak, jakingo ditut beraien kontuak, beraiek egingo dizkidate niri galderak erantzungo dizkiet: Jarrera horrekin baldin ba zoaz eguna ondo pasako duzu eta bueltakoan esango duzu , kontxo, gaur ere ikasi diat zerbait. Eta horrek ere alimentatzen zaitu gero bertsotarako. Urbian urrian egiten den bertso saioko irudiak. MAIALEN Ez da erreza asmatzen nola ondo egon bertsotarako, eta noiz zauden argi eta noiz zauden lanbro. Behar bada egun batean oso saio ona egin duzu, oso ondo sentitu zara, eta hurrengo egunean pauta berdinak errepikatzen dituzu, saioaren aurretik egiten duzu lehen egindako gauza bera, baina ez zaude berdin, burua ez dago berdin. Eta nik ez dakit, faktore askok eragingo dute hor, nekeak, lekuak, motibazioak, tentsioak, nerbioak, ilusioak, gauza askok eragin dezakete. HERRI TXIKIA. KANPOA. EGUNA. Herri txiki bateko bertso saio batera iritxi dira bertsolariak. Batzuk elkarrekin besteak bakarrik, denak kotxean. Bertakoekin hitzegin, zerbait hartu, oholtzara igo aurreko momentuak ikusten ditugu. MAIALEN Baina bada misterio bat ere, ez da batere formula matematiko bat. Baldin eta hau eta hau egiten badut saio aurretik emaitza ona izango da, hori ez da existitzen, eta batzutan ustez oso ondo zaude, eta tabladura atera eta beldurrak hasten zaizkizu, edo ez dituzu bertsoak ondo ikusten, ez datorkizu ideiarik. Kontrakoa ere bai, oso nekatuta zoaz eta behar bada egun brillante bat daukazu. Nekearen barruan axolagabekeria puntu horrek zaramatza gauza brillanteak egitera. Orduan ez dago formula bat. Baina era berean uste dut egun inportantetan asmatzen dugula ondo xamar egoten. Eta esango nuke saio horri ematen diozun baloreak, tentsioak, eta preparatiboek laguntzen dutela ondo egoten. Ez dakit, saio baten esperoan badaramazu aste bete, edo egun batzuk, ba normalki oso presente daukazu, inkontzienteki lantzen ari zara kontestu hori, lantzen ari zara saio hori, pentsatu duzu saio horretan, zure ahaleginean, eta nik uste preparatibo horrek tentsio bat ematen dizu, inportantzi bat ematen dio saio horri eta holakotan arriskua izaten da saio on bat giteko. SARASUA Nik uste dut bertsoaren ahalmena mugatua dela, baina bertsoak laguntzen duela pixka bat bizitzen. Pixka bat esango dut. Pixka bat zer zentzutan, ba komunikatzen ari garelako, barre egiten dugulako, konpartitzen dugulako zerbait nahiko modu horizontalean, espresio bide bat delako, eta aukera polit bat informazioa liseritzeko, informazioa konpartitzeko, jolasteko. SARASUA (CONT’D) Nik esan izan dut bertsolariak asko ematen duela, asko eman beharra dauka etengabe galdetzen ari zaio jendea bertsolariari, eskatzen bere iritzia, eta ari da bere sentipenak eta bere argudioak ematen ezta? Niri horrek pentsarazten dit bertsolariak asko elikatu behar duela. Asko jantzi, jende askorekin egon, asko entzun, nik badaukat urte batzutan hori egin izanaren kontzientzia, asko entzun. Bertsolaria herriz herri dabil, jende asko ezagutzen du, entzun egin behar du, jendeari, egin behar du nolabait esanda tenperatura hartzen egon etengabe, pertsona ezberdinei, jendeari, gizarteko geruza ezberdinei, eta nik uste dut irakurri ere bai, kultura arlotik jantzi egin behar duela, gero zerbait eman ahal izateko. FOLEY Ahozko tradizioaren alderdi garrantzitsua da hori, hainbat testuingurutan egiten dela bertsotan, alegia, ez txapelketaren finalean bakarrik, baizik pertsonen egunerokoan. Eta elkarrengana biltzen direnean jardun garrantzitsua da bertsotan egitea. Hori oso garrantzitsua da ahozko tradizioan interesa dugunontzat; hau da, ez dela ekitaldi berezi hutsa, pertsonen bizitzen parte dela egunero. Bertso saio ezberdinak ikusiko ditugu. Bertsolari ezberdinak toki eta espazio ezberdinetan. SARASUA Gu fluxu baten parte gara, eta hori da gure tradizio sena, edo jarraidura sena, hau da, guk ez genuen eskatu sortzea, jaiotzea, guk ez genuen eskatu euskaldun izatea, gu fluxu baten parte sentitzen gara, eta badugu fluxu horri, jarraidura horri bidea emateko eta hurrengoei pasatzeko sen bat. Eta hori bertsoaren osagai funtsezkoa da, edo bertsolaritza mugimenduaren osagai funtsezkoa da. Beste gauza bat da konturatzea hori egiteko modu bizigarri bakarra, hori egiteko merezi digun modu bakarra sortzea dela. Nolabait izatea, tradizionala izateko modu bakarra sortzailea izatea dela, eta beharbada sortzailea izateko ere gure modua, edo modu interesgarri bakarra ere tradizioen fluxuan kokatzea dela. Eta tradizioa eta sorkuntza gauza beraren bi aurpegi direla. Azken finean zer da tradizioa? Sorkuntza pilaketa bat. Eta nola jarraitzen duzu tradizioan, sortuz, sortzen jarraituz. Gauza bera baita azkenean. Eta nik uste dut hori dela bertsoa, memoria eta sorkuntza, jarraidura eta irekidura. MAIALEN Guk badaukagu almazen bat, badaukagu memoria bat, memoria kolektibo bat ere, bertso memoria bat, entzuten ditugu, ikusten ditugu, iritzi pila bat irakurtzen ditugu, eta beharbada horiek dira buruan lehen planoan dauzkagunak, berriki entzundakoak, berriki irakurritakoak, ikasitako bertsoak, eta horiek dira derrepente azkarren ateratzen direnak. Pixka bat bertsokera pertsonalago bat egiteko inertzia horiek denak detektatu eta frenatu egin behar dira, eta benetan horien artean, leku egin, garbitu bide hori, eta benetan zuk esan nahi duzun hori bilatu. Bertso saio ezberdinak ikusiko ditugu. Bertsolari ezberdinak toki eta espazio ezberdinetan. MAIALEN (CONT’D) Mikrofono bat daukagu. Hitz egiten dugu mikrofono horretatik, gure iritziak ematen ditugu, eta benetan nik uste dut errespetua zor zaion jardun bat dela. Eta horregatik bertsolari bakoitza dela hitzaren jabe eta esaten duenaren arduradun. Noski kontutan hartu behar ditugu baldintzak. Bat-batekotasunaren baldintzak. Batetik hain denbora exijentzi estua, hain azkar pentsatu beharra, eta bestetik errimak daude, eta bestetik neurriak daude. Zailtasun asko daude, askotan ezin da esan nahi dena. Eta hori bertsolariaren borroka da beti, nahi duena esatera iristea, eta ez ahal duena. Baizik eta nahi duena esatera. Baina askotan hitzek esaten dute, edo errimek esaten dute, benetan zuk esan nahi izan ez duzuna, edo kabitu ez zaizun eta aldatu duzun esamolde batek ez du oso garbi uzten esan nahi zenuena, baizik eta beste zerbait sujeritu dezake, eta hori mingarria da bertsolariarentzat. SARASUA Gauza bat da zuk esateko daukazuna eta zuk edukitzea bizitza dentsitate bat, zer esan bat, sentipen gaitasuna batzuk, idea batzuk, transmititzeko gaitasuna. Gertatzen dena da gero bertsotan tokatzen zaizu igande goiz batean kantatzea jubilatuen elkarte batean jubilatuei. Eta hurrena euskaltegi batean, eta hurrena baserri auzo bateko jaietan, eta hurrena zine batean. Hau da publiko oso ezberdina eta azkenean bertsolariaren funtzioa hor da publiko horrekin funtzionatzea, publiko horretara iristea, publiko horri eragitea. Eragitea zer? Eragitea umorea, eragitea ideak transmititzea, sentipenak transmititzea, beraien munduan sartzea. Beraiei tenperatura hartu eta tenperatura horretan zuk zerbait ematea, beroagoa, hotzagoa. Astintzea zerbait ez? Hori baina aldi berean zure uretik ateraz. Orduan horregatik esaten nuen bertsolari ona izatea dela ur putzuak edukitzea, propioak, zer esana, sentipenak, baina jakitea ur putzu horietatik zipriztintzen maila ezberdinetan. Jubilatuekin zaudenean jubilatuei esatea gauza pertinenteak, eta haiekin txirikordatzea, haietako, haien festan parte hartzea. Bertso saio ezberdinak ikusiko ditugu. Bertsolari ezberdinak toki eta espazio ezberdinetan. EGAñA Kalkulatzen dut joan den 25 urtean egingo nituela 3500 saiotik 4000 bitartean. Horrek esan nahi du gutxigorabehera, 11 urtean egunero egunero kantatu dudala, egunero toki diferentetan eta egunero publiko diferenteari. Nik uste dut beti publiko diferentea aurrean edukitzea badela estimulo bat diferente sortzeko eta horrek garunari ere ematen dio halako martxa bat, halako bizipoz bat. SARASUA Nik uste dut bertsoak baduela zerbait engantxatzen duela. Sortzailea bera engantxatzen duena horretan jarraitzera. Bizitzaren alegoria delako, lehen esan duguna, memoriaren eta sorkuntzaren arteko zubi bat badelako. Zuk nahi duzunaren eta komunikatu ahal duzunaren arteko tentsio bat delako, oreka bat delako. Zentzu horretan niri uste dit bertsoak bizitzen erakutsi didala, eta bizitzaren dilemak bizitzaren korapiloak sinbolizatu ditu niretzat bertsoak. Bizitzaren korapiloak eta bertsoaren korapiloak askotan berdintsuak izan dira. Eta zentzu horretan iruditzen zait niri gertatu zaidan gauzarik ederrena. EGAñA Bertsotatik bizi leike baina egin behar da sekulako saio pila eta bizi maila normal bat eduki. Bertsolariek ez daukaguna da ez oporrik eta ez bajarik eta ez ezer. Nik hori harrotasun ideologikoz ere esan dezaket, joan den 16 urtean egin dudana bakarrik kobratu dudala eta askotan egin dudana ere ez, baina egiten denetik bakarrik kobratzen bada bizitzen oso zaila da. Ezin duzu ezta gaixotu ere. LIBANOKO PAISAIA.KANPOA. EGUNA. Bertsolari Libaniar batek kamara aurrean hitzegiten. LIBANIARRA Libanoko gazte batek bertsolaria izan nahi zuen eta jakintsu zaharrarenagan joan zen kontseju eske eta horrela galdetu omen zion. Bertsolari handi bat izateko zer egin behar dut? Maixuak horrela erantzun omen zio. Joan zaitez mendian bestaldeko herrira eta ikasi itzazu bertako bertso guztiak.Urte dexente pasa eta gero, gaztea maixuarengana bueltatu zen. maixu, ikasi ditut jada bertso gutziak. Orain zer egin behar dut? Orain ahaztu ikasitako guztia. Ikasitako guztia ahaztean izango zara bertsolari. LESAKAKO BERTSO ESKOLA. BARRUA. EGUNA. Bertso eskola batetara inguratu da Foley, bertan apunteak hartu eta bideoan grabatzen ari da. FOLEY "Atzoko bertso eskola sorpresa izan zen niretzat. Nik uste nuen gutxiago hitz egin eta gehiago egingo zutela bertsotan, baina etengabeko komunikazioa egon zen irakaslearen (gidariaren) eta ikasleen (5 edo 6) artean. Egiten ari zirena egiteko modu onenari buruz hizketan aritu ziren eta literatura eskola zirudien hark, bertsotan egiteko eskola izateaz gain. Munduko beste tokietako ahozko tradizioak ez dira horrela irakasten, hain modu profesionalean. BIZKAIAKO BERTSO ESKOLA. BARRUA. EGUNA. Bertso eskolara inguratu eta euren jarduna grabatuko dugu. Txikiak bertsotan ikusiko ditugu. MAIALEN Hitzen jolasa, hitzekin jolastearen plazera, norbere ideiak bertsotan jarri ahal izatea den arma. Ideiak, zirikarako, umorerako, maitasunerako, ideia ideologikoak, ideia sozialak eta politikoak, bertsotan jarri ahal izatea den komunikazio estrategia eta erreminta, hitzen edertasun hori, kantakera, doinuak, hor azkenean espresatzeko eta izateko modu berri bat deskubritzen duzu, bere xumean nik uste ikaragarri aportazen duela bertso eskolako bizipen horiek, eztabaida dialektiko horiek, bai, nik uste gaur egungo bertso mundua ezin dela ulertu bertso eskolarik gabe, eta bertsogintza suspertzeko eta bizitzeko ba ezinbesteko erreminta izan dela. HIRIA-NEKAZAL INGURUNEA. KANPOA. EGUNA. Hiria eta nekazal munduaren kontrastea. Alde batetik, berdea eta bestetik hirietako grisa. Eta Euskal herrian askotan ematen den bien arteko lotura hori, kontraste hori,hau da, lehen terminoan baratza bat edo zerbait oso berdea eta atzean hiria, edo alrebes, lehen terminoan edifizio moderno bat eta atzean berdea. SARASUA Nik uste dut bertsolari munduan badaudela bi gauza. TRINTXERPEKO UDAL ARETOA. BARRRUA. EGUNA. Trintxerpeko eskolarteko bertso saioako irudiak ikusiko ditugu. SARASUA Batetik bertsolariok edo bueno ba sorkuntzara dedikatu garenok egin dugun ibilbidea, eta bestetik bertsolaritza mugimendua bera, gizarte mugimendu moduan, Bertsozale Elkartean mamitu dena, eta horretan eduki ditugu intuizio basiko batzuk.Hau da bertsolaritzaren transmisioa generaziola nola segurtatu, bertsolaritzaren sustapena gizartean nola ziurtatu, eta bestetik bertsolaritzaren jakintza, bertsolaritza jakintza bideetan nola txertatu, unibertsitateetan, ikerketan, bilketan, eta abar. SARASUA (CONT’D) Nik uste izan dugun estrategia hori, hogeita hamar urtetako estrategiagintza hori, eta gizartean presentzia izateko egin dugun bide hori badela munduko beste kantu inprobisatuen esperientziekin trukatzekoa, beren esperientzietatik ikasi, eta gureetatik beraiek ikas dezaten. Zentzu horretan seguru asko mundu mailan antolakuntza aldetik sendoen edo sendoenetakoa den esperientzia da gurea, eta baita ere gizarte eragin eta gizarte irizpide aldetik sendoenetakoa dena. Orduan hori dena guk konpartitzeko daukagu, besteekin ikasi eta irakasteko. Nik uste dut guretzat ere nazioartekotasuna garatzea inportantea dela, munduan lehengusuak ditugula konturatzea, eta gure jardunaren adar bat mundura begirako egitea. BEC. BARRUA. EGUNA. Txapelketa egunean jendea BEC era iristen. SARASUA Txapelketak gaur egun hartu duen dimentsioa pentsaezina izango zen orain dela urte batzuk. Eta hori ez da noski gratuitoa eta zorizkoa, hori ondo egindako lan baten ondorioa da. Eta hor Bertsozale Elkarteak hainbeste urtean egin duen bertsoa sustatzeko lan baten ondorio, herriz herri Euskal Herriko bertso eskoletatik egiten den lanaren ondorio, eta gero komunikabideetan, edo komunikazioan egiten den lanaren ondorio. Baita ere bertsogintzak berak eskaintzen duenagatik. Jendea hurbiltzen da benetan bertsoak zerbait ematen diolako, zerbait sentitzen duelako, zerbait mugitzen zaiolako, interesatzen zaiolako bertso horiek eta bertsolari horiek entzutea. Eta nik uste dut horrek asko esan nahi duela bertsogintzaren alde. XENPELAR.BARRUA. EGUNA. Billabonako Xenpelar dokumentazio zentroko artxiboak eta liburutegiaren irudiak. EGAñA Autogestioa hitza oso ondo jakin gabe hortan hasi ginen eta gainera erabaki genuen 86ko txapelketaren arrakastaren ondoren gurea ez zela bertsolarientzako enpresa bat, gurea ez zela bertsolarien sindikatu bat , gurea proiektu kultural bat zela eta orduan erabaki genuen bertsolariek bakarrik ez genuela ezer pintatzen eta bertsolari eta bertsozale arteko elkarte bat osatzea, non bai zuzendaritza organuetan eta bai herrialde bakoitzeko zuzendaritzetan, bai bertsolari eta bertsozale, nahasian eta berdinean elkartuko ginen. Eta kultur proiektu horri jarraitzea izan da, azken 22 urtetako lana. Euskal Herri osorako kultur proiektu bat zeinen helburu nagusia den bertsolaritzaren geroa, guk momentuoro erabakitzen dugun bezela ziurtatzea. Eta nik uste dut dexenteko arrakasta izan degula bide hortan. KURSAL. BARRUA. EGUNA. Donostian 2009ko Bertso egunean eginiko festako irudiak. SARASUA Nik uste dut mugimendu sozial txiki bat badela, zalantzarik gabe gaur egun Euskal Herrian bertso mundua mugimendu bat da, mugimendu hitza dela ondoen definitzen duena. Gero ditu tresna oso zehatz batzuk, Bertsozale Elkartea da mugimendu horri forma organizatu bat ematen dion erakundea, baina da mugimendu bat dituena bere ildo artistikoak baina baita ere horren inguruan eskolak, hezkuntza, transmisioa, jakintza, bilketa, ikerketa, uste dut ezaugarri horiek badituela. MENDI BIDEA. KANPOA. EGUNA. Euskal herriko paisaje natural berde bat ikusten ari gara mugimenduan kotxe batetik hartuta. Ixilean. HITZEN TUNELA. BARRUA. GAUA. Hitzen artetik bat narbamenduko da. MUNDUKO BERTSOLARIAK LA HABANA. KANPOA. EGUNA. Kubako kaleetako irudiak ikusten ditugu dute edifizioen kolore ezberdinek. Musika kubanoa. SARASUA Bueno, nik uste dut guk kanpoko inprobisatzaileak ezagutzen eta beraiekin trukean oso berandu hasi ginen. Hasieran nolabait hemen zegoen pentsamendua zen hau Euskal Herrian bakarrik gertatzen zela eta oso gauza berezia zela munduan eta ez geneukala parekorik. Eta gero egin genuen apropos idekidura bat. Esanez, beste jende bat ere badago, goazen ezagutzera, goazen esperientziak trukatzera... berandu xamar jada, gure bertsolari ibilbidea finkatu eta gero baina bereziki bai, espainieraz egiten dezimagintza horretatik jaso ditut, bereziki Mexikotik, eta Mexikoko repentismo... ESTUDIOA. BARRUA. EGUNA. Alexis Diaz pimenta ikerlari eta narratzaile kubatarrak kubako jardun inprobisatuari buruz hitzegingo digu. Baita euskal herriko bertsolaritza nola ikusten duen. GANBARA. BARRUA. EGUNA. Andoni Egaña bere ganbaran kamarari hitzegiten. EGAñA Konturatzen zara adibidez, munduan zehar inprobisadore gehienek gu bezelaxe inprobisatzen ari direnenan beraien bertsoaldiaren edo koplaren bukaera pentsatsen dutela eta hasieratik hasi, gu bezela, eta esaten dezu aiba , mundu zabalean eta hainbat kulturatan ahozkotasunean berdin funtzinatzen zen , orduan ez genbiltzan ain oker, ez gara ain bereziak eta ain raroak ezta. Ba daukagu harremana kultura artean munduarekin eta guretzat hori garrantzitsua da. MONTEVIDEO. KANPOA. EGUNA. Maontevideoko plaza batean bertsolariak kantuan ari dira. Inguruan jende dexente dago pilatuta. SARASUA Ze guk genuen pixka bat “Jo, zuenak musika du, gureak ez”, eta esaten ziguten, miresmenez, “eske zuenak ez du musikarik”, eta “ja”, bestetik, “geldirik zaudete, eskuak atzean dituzue”, beraientzat zen, “baina nola ez duzue behar komunikatzeko beste baliabide guzti horiek? Mugimendua, musika, nola da zuena hain soil eta aldi berean hainbeste transmititzen du?”. Hori da pixka bat beraiengandik jaso genuena. Gogoratzen naiz batek esan zidala, “badakizu zergatik ez daukazuen musikarik, mugimendurik?”, eta berak esan zidan, “ez duzuelako behar”. Eta esan zuen, “zuengan hitzak eduki behar du izugarrizko pisua eta indarra, beste hori guztia behar ez izateko, eta hala ere komunikazioa lortzeko”. Hori da pixka bat gelditu zaidana niri Kanarietatik. MONGOLIAKO ZELAIA. KANPOA. EGUNA. Mongoliako zelai batean festa bat egiten ari da. Bertan traje tipikoa soinean duen artzaiak poesia inprobisatzen du. MONGOLIAKO ETXE TIPIKOA. KANPOA. EGUNA. Mongoliako etxe tipiko baten aurrean jantzi tipikoa soinean duen artzai mongoliarrak, zergatik, zertarako eta nola inprobisatzen duen kontatuko digu. XENPELAR. BARRUA. EGUNA. Jhon Foley adituak kamara aurrean hitzegiten du. FOLEY Modu askotan alderatu daitezke bertsolaritza eta munduko beste inprobisazio generoak. Baina nik orain arte ez dut ikusi saioak zuzenean ikustera joaten den jendetzaren neurriko ezer beste generoetan. Esate baterako, lehengo Yugoslaviako ekitaldi batean izan nintzen eta han ere milaka ikusle zeuden, baina hura oso saio profesionala izan zen, haien ahozko tradizioa azaltzeko erakustaldia zen, ekitaldia bera baino gehiago, beraz, hein batean ez zen erreala. Sentipena ez zen, adibidez, bertsolaritzak sorrarazten duena bezalakoa. Gainera, nik ezagutzen ditudan beste generoetan ez dituzte txapelketarako saioak lau urtean behin antolatzen. Beste generoetan, talde txikitan biltzen dira, maiztasun irregularrarekin eta ikusle gutxi izaten dituzte. Beraz, ezaugarri horiek guztiak bertsolaritzarenak ez bezalakoak dira. Nik uste oso garrantzitsua dela nabarmentzea, badirela antzekotasunak bertsolaritzaren eta beste poesia norgehiagoken artean, baina bertsolaritza bakarra dela ikusle kopuruari, ikusleen irrikari eta, batez ere, parte hartzen dutenen aniztasunari dagokionez. BEIRUT. KANPOA. EGUNA. Beiruteko plaza batean mahai baten inguruan bertsolari ezberdinak kantatzen ari dira. FOLEY Niretzat ahozko tradizioaren ezaugarri interesgarrienetakoa da ahozko tradizioak talde baten nortasunaren erakusgarri nola diren. Nola markatzen duen taldearen nortasuna. Jendea batu egiten dute, ez dute bereizten, elkarrengana bilarazi baizik. Horixe da jendeak ahozko tradizioei buruz ondo ulertzen ez duen gauzetako bat. Izan ere, ahozko tradizioetan ikuslea artista bezain garrantzitsua da, elkarlanean aritzen dira. Beraz, taldearen nortasuna artistek partekatzeaz gain, artisten eta ikusleen artean ere. ESTUDIOA. BARRUA. EGUNA. Xabier Aierdi sozioalogoak ahozkotasunari buruz hitzegingo digu. SAN FRANCISCOKO PLAZA. KANPOA. EGUNA. Joseba zulaikak kamara aurrean hitzegiten. ZULAIKA Esan ohi da poema omerikoetaz, bere funtzioa zen jakintza modu bat transmititzea belaunaldiz belaunaldi. bertso horiek ziren nolabait memoria gordetzeko modu bat, ziren orduko, orduko software-ak ziren, ez? orduko, orduko artxiboak eta zentzu horretan, tradizionalki, bertsolariak edo bertsogintzak eta antzeko fenomenoak; koplak eta zera, izan dira herri bateko gertakizunak, istorioak, e, e, e, moralitateak transmititzeko modu bat eta zentzu horretan izan du paper, paper memoristiko hori, dudarik gabe, bai, bai. AMA LUR. Ama lur pelikulatik aukeratuktako irudiekin montaje txiki bat egingo dugu. Bertatik jendea interesatzen zaigu, jendea euren artean hitzegiten. FOLEY Ahozko tradizioa izan dugu historia gordetzeko, gure ohiturei buruz hitz egiteko, gure arteko interakziorako eta kultura egiteko bide bakarra urte askotan. Beraz, ahozko tradizioa kultura egiteko baliatu izan dugu gure existentzia denboraren 10etik 9an baino gehiagoan, homo sapiens garaitik. Oso teknologia indartsua da, beraz, baina ez dugu behar bezala ulertzen, liburu, ordenagailu eta antzekoei denbora asko eskaintzen diegulako. Ondorioz, nire iritziz, ahozko tradizioaren misterioa ez da benetan misterio bat, gizakia sortu zenetik aritu baikara honetan. Kontua da orain berreskuratu, berraurkitu egin behar dugula lehen egiten genuen hura. ELKARTEA. BARRUA. EGUNA. Euren komunikatzeko era naturala ahozkotasuna duten pertsonak elkarrizketan ipiniko ditugu. Euren hizketa egiteko erak grabatu, aztertu eta adituekin analisiak egingo ditugu, berez ahozkotasunak duen narrazio egitura natural eta efektiboa azaleratuz(narrazio forma guztietan ematen den estruktura bera da, hasiera, korapiloa eta errematea). ZULAIKA Euskaldunok kultura, ahozko kultura ugari bezela, euskaldunok hitza izan degu oso, oso literala. Neurri batean, hori baldin bada zure komunikabide nagusia, hitza, orduan ezin dezu hitzarekin jolasean ibili, zuk hitza ematen badezu, gorde egin behar dezu, bestela hurrengoan ez bazaizu zure hitza sinesten, zure komunikazio modu nagusia galdu egiten dezu., bertsolaritzaren zoragarritasuna da, hain zuzen, bertsoak permititzen dizu hitzarekin jolas egitea, eta hain literaro geranok euskaldunok, libertate hori daukagu bertso kontestu horretan, eta nik hori ikusi izan diot bertsolaritzaren aberastasun. GARRIKO Garriko izeneko 1959ko Dokumental alemanaren irudiak. Bertan taberna batean bertsotan ikusten dira gizon pilo bat, euren artean ume txiki bat ere ba da. ZULAIKA Bertsotan ez dago hitz faltsurik eta hitz egiazkorik, dena da asmakizun bat, dena da gezurra, baina egiarik handienak esaten dira gezurren bitartez. Mezu garrantzizko asko esaten ditugu gezurren bitartez, bromaren bitartez, txisteen bitartez, ironiaren bitartez, eta hori da bertsolariaren eskola handia, eta da eskola bat hezkuntzaren ingurukoa, eta gizarte batentzako lekzio inportanteenak bere hizkuntzari buruz, bere oinarrizko komunikazio hori nola aberastu eta nola zabaldu, ez? ESTUDIOA. BARRUA. EGUNA. Ander lipus aktore Bizkaitarrak teatralidade horri buruz ausnarketak egingo dizkigu. ZULAIKA Bertsoa da hitza, da imajina, da, da argumentu bat, eta da sentimendua, eta da komunitatea. Eta orduan, bertsoan, daukalako forma artistiko hori, Bertsoak permititzen dizu esatea mezu bereziak artistikoki esanak direlako. Orduan performance-aren aspektu hori da oinarri-oinarrizkoa eta orduan, euskaldun lotsatiak geranok, ba bertsotan esaten ditugu, betsela inoiz esaten ez ditugun gauzak. PILOTALEKUA. KANPOA. EGUNA. Jon Sarasua kamara aurrean hitzegiten. SARASUA Bai, uste dut niretzat izan dela ideak eta sentipenak espresatzeko kanal pribilejiatu bat. Beste kodigo batzuetan iristeko gai ez nintzen geruza batzuk ikutuarazi dizkidana. Iruditzen zait izan dela espresatzeko eta komunikatzeko kanal pribilejiatu bat. Askotan prosan, edo gertatu izan zait, edo nire anaiari ere inoiz hitzez elkarrizketa, familiarteko elkarrizketan esateko gai izango ez nintzen gauzak, anaiari bertso kontestu batean esatea. Izango balitz moduan, bai geruza pribilejiatu bat bestela azaltzeko gai izango ez ginatekeen sentimenduak azaltzeko, bestela egiteko gai izango ez nintzatekeen kritikak egiteko, eta bestela espresatzeko zaila zaidan sentimendu batzuk hunkitzeko. SARASUA (CONT’D) Iruditzen zait bertso komunikazioan sortzen dela lizentzia moduko bat. Askotan ez zaigu lizentzia maitasun hitza adieraztea lagunartean, baina bertsotan jartzen gara eta bertsotan esan dezaket maite dudala lagun bat. Zergatik? Ez dakit oso ondo. Badago lizentzia berezi bat, lizentzia poetikoa, lizentzia satirikoak, hartzeko komunikazio modu horretan. Eta askotan gertatu zaigu lagunartean ere bueno orain bertsotan hasten gara, orduan kantuan kokatzen gara, orduan kantuaren bidez ikutu ditzakegu hobeto gure sentipenak eta gure satira gogoak, orduan orain esan ditzakegu gauza batzuk. Ordu erdi lehenago esan ez genitzakeenak. Uste dut hortik ere baduela pixka bat bertsoak. Bertsotan egin, eta bertso saioaren ondoren, txukun ibili bazara bereziki sentitzen duzun euforia hori, Iturriagak kantu batean esaten zuen jainko txiki bat sentitzen zarela kotxean sartu eta etxera zoazenean, badago holako zerbait. Plazer handia dela iruditzen zait, sentitzea, sortu duzula zerbait, jarri zarela amildegi txiki baten aurrean, eta ez zarela erori, sortu duzula, komunikatu duzula, eta etxera zoazela. Izugarria da. ZULAIKA Badago tragedia griego baten dagoen harreman zera hori, pertsonaia eta koruaren artean, edo dagoenean zauri bat, sentimendu tragiko bat, bertsolariak bere kantuarekin ahozkatzen duenean, talde guztiaren zauria ahozkatzen du. Zentzu horretan badago hor, e, gertakizun, oso berezia gertatzen dana, nik uste det, horrela komunikazioa dagoenean bertsolari eta publikoaren artean. MAIALEN Mikrofono bat daukagu. Hitz egiten dugu mikrofono horretatik, gure iritziak ematen ditugu, eta benetan nik uste dut errespetua zor zaion jardun bat dela. Eta horregatik bertsolari bakoitza dela hitzaren jabe eta esaten duenaren arduradun. Noski kontutan hartu behar ditugu baldintzak. Bat-batekotasunaren baldintzak. Batetik hain denbora esijentzi estua, hain azkar pentsatu beharra, eta bestetik errimak daude, eta bestetik neurriak daude. Zailtasun asko daude, askotan ezin da esan nahi dena. Eta hori bertsolariaren borroka da beti, nahi duena esatera iristea, eta ez ahal duena. Baizik eta nahi duena esatera. Baina askotan hitzek esaten dute, edo errimek esaten dute, benetan zuk esan nahi izan ez duzuna, edo kabitu ez zaizun eta aldatu duzun esamolde batek ez du oso garbi uzten esan nahi zenuena, baizik eta beste zerbait sujeritu dezake, eta hori mingarria da bertsolariarentzat, ZULAIKA Musikarekin, zinearekin, edo, edo, deportearekin, futbol partida batekin emozio handia sentitu genezake, baina bertsolariak emozio hori artikulatu egiten du hitzez eta orduan bihurtzen da berebiziko aberastasuna, non emozio taldeko bat bihurtzen dan, non emozio hitz bihurtu bat, non emozio argumentatu bat, eta orduan halako indar berezia hartzen du.Orduan bertsolariaren aberastasuna da, nik uste, bere biluztasuna, beste arte forma horien ausentzian. Bere pobreza hori du bere aberastasuna. HITZEN TUNELA. BARRUA. GAUA. Hitzen artetik bat narbamenduko da. BILUTSIK ANTZOKIA. BARRUA. EGUNA. Maniki txuri baten inguruan ari da bueltaka kamara. Manikiak eskua mikro bati helduta duela ikusten dugu. Oholtza gainean mikro baten aurrean maniki bat zutik ikusten dugu. Atzean ainbat silletan eserita zortzi maniki. Antzokiko ikusleak ere manikiak direla deskubritzen dugu. SARASUA Bertsoa zerbait baldin bada da soiltasuna. Xumetasuna. Soila da, ez dauka adornorik, ez dauka jantzirik, ez dauka musika instrumenturik. Da, sortzailea, bera, bakarrik, biluzirik, entzulearen aurrean, eta momentu horretan sortzen den inspirazioa. Gu geldirik gaude, ez dugu mugimendurik, ez dugu musikarik, ez dugu koltxoirik, biluzik gaude nolabait esanda. Dugun bakarra gure barnetasuna da eta gure hori ateratzeko eta argudiatzeko gaitasuna da. Eta gainera uzten dugu gure burua amildegira hurbiltzen, badakigulako amildegi horretan bi gauza gertatuko direla, sortu egingo dugula, eta gainera amildegi horretan entzuleak ere emozioa sentitzen duela gurekin batera. Hori da. SARASUA (CONT’D) Nik uste dut erakargarritasuna baldin badu dela ikusten delako zerbait benetakoa gertatzen ari dela hor. Alegia, pertsona horrek ez daukala beste errekurtsorik momentu horretan bere sentipenak eta bere ideekin konektatzea baino. Eta amildegi baten aurrean bakarrik dagoela. Jendeak somatzen duelako amildegia eta arrisku baten aurrean egindako hitzak direla. Benetakotasun bat dagoela hor. Eta bestetik iruditzen zait baita ere beste osagai bat dela euskaldunok, hizkuntzari, hitzari, diogun atxikimendua. Ez komunikazio tresna moduan, baizik eta geuretasunaren eramale muineko moduan. Beharbada bestela ezin liteke ulertu. Entzule ezberdinei jarraipena. Bertsolari/ entzule konexio hori ikusiko dugu. Kirol ikuskizun ezberdinetan jendea animatzen ikusiko dugu, soinua kenduta. Bertsolaria pentsatsen ipini eta ondoren jendea nimatzen , kontrastea bilatu. HITZEN TUNELA. BARRUA. GAUA. Hitzen artetik bat narbamenduko da. BERTSOZALEA XENPELAR. BARRUA. EGUNA. Jhon Foley aditua kamara aurrean hitzegiten. FOLEY Nik ikusi dudanaren arabera, bertsolaritza bakarra da poesia norgehiagokaren alorrean, gizartean maila guztietan partekatzen delako, ikusleak gizonezkoak, emakumezkoak, gazteak, zaharrak, hainbat bizi estilotakoak... direlako. Eta beste ahozko tradizio askotan, ikusleak gizonezkoak bakarrik, emakumezkoak bakarrik edo adinekoak bakarrik direlako, eta hemen ez da horrelakorik gertatzen." ZULAIKA Nik uste entzuleak, berak ere, bere burua nahasten dala pentsatzen "nik egoera horretan zer esango nuke, zer pentsatuko nuke?" orduan, bera hasten da, bere barruan, horrei erantzuna ematen, entzuten dio bertsolariari eta ikusten du bertsolariaren forma hori zenbateraino dan aberatsagoa, zenbateraino dan ederragoa, zenbateraion dan, e, artistikoagoa, eta orduan, nolabait, bertsolariarekin identifikaturik dagoen entzuleak, hantxe gozamen hori izaten du, zeren bertsolariaren hitza ere, bere hitz bihurtzen da, eta orduan, hor dago entzulearen gozamen hori, hortik dator, ez? nolabait, entzulea bera ere bertso horiek botatzen ari da bertsolariarekin. Eta hortik dago hitzaren jolas zoragarri, paregarria ez? komunidadearen ahotsa dala azkenean. SARASUA Nik uste dut konplizitate berezi bat dagoela bertsolariaren eta entzulearen artean. Feed-back deitzen den mugimendu hori, bertsolarien kasuan feed-backa oso berezia da beste arte sorkuntza ia denetan baino nik esango nuke askoz handiagoa. Bertsolariak ezin du sortu entzulearen begirik gabe, entzulearen konplizitate sakoneko hori gabe.Behar bada amildegiak horrelako erakarpena du eta amildegiaren aurrean sortzen den errespetua hainbestekoa da euskara ere amildegian dagoelako? Osea, amildegi kontzientzia berezi bat daukagu beharbada euskaldunok? Eta euskara amildegian dago, eta bertsolaria amildegian dago? Eta hor sortzen da holako sakoneko inkonsziente kolektibo moduko bat guk ez duguna oso ondo kontrolatzen? Ez dakit. ZULAIKA Bertsolariarengan inportantea da neretzako, esaten duena bezain inportantea da, zer ez duen esaten. Alegia, bere ausentziak, bere elipsiak, bere hutsuneak, bere etenak, bertsolariak ematen ditu imajina bat bestearen ondoren, bestearen ondoren, inolako lotura gramatikal, lotura retorikorik gabe. Eliminatzen duanarekin sortzen du infinitua eta ez duana jartzen da ematen diona indar hori bertsoari, neretzako.. Ez dauka musikarik, bere ahotsa besterik, ez dauka inolako gauza espektakularrik, ez dauka inolako tramoiarik, da bere gorputz biluzia, bere aho biluziarekin, eta biluztasun horrek ematen dio, ez edukitze horrek ematen dio iñolako poderioa niretzako bertsolariari. Zinegile bat esaten ez denaz, ikusten ez denaz baina hor dagoenaz hitzegiten. SARASUA Eta nik uste dut orohar sortzaile onak transmititzen duela bizitza esperientzia bat, eta hori sentitzeko eta transmititzeko gaitasuna horretan datzala, eta ez sortzaile izatean. Eta nik uste dut bertsolarientzat ere berdin dela, eta gertatzen dela ezta. Hori ez daukazunean simulatu egin behar duzu ezta, sentipenak simulatu, arrazoiak simulatu, eh hori da nik pixka bat amesten dudan bertsolaritza. Benetan literaturan bezala amestu dudan literatura, eta amesten dudan kantagintza, hau da bizitza esperientzia bat transmititzeko daukaten eta transmititzeko gaitasun bat eta artea daukaten bertsolariak. Hori da. HITZEN TUNELA. BARRUA. GAUA. Hitzen artetik bat narbamenduko da. BARNE BIDAIA. SAN FRANCISCOKO PLAZA. KANPOA. EGUNA. Joseba Zulaikak Oteizaren liburua irakurtzen digu kamara aurrean. Atzean San Franciskoko edifizio altuak dituelarik. ZULAIKA "La tecnica del autentico bertsolari es desandar con claridad(poco a poco y de aqui y de alla) ese camino en el que se fueron obscureciendo los sucesos pasados con su realidad y sus ideas, y que la obscuridad(la del tiempo y la del olvido)fue guardando...". Egaña eta Maialen San Francisco-ko kaleetan aurreraka dijoazen bakarrak dira. Beste denak atzeraka doaz. ZULAIKA (CONT’D) ....La tecnica del bertsolari es que esta delante de todos y desaparece en su realidad interior. De la que salen sus palabras(que iran saliendo) Suelo decir que como dejandose llevar sumergido en un rio. (el rio de su vision interior)" ANTZOKIA. BARRUA. EGUNA. Gai jartzaileak gaia botatzen du. Bertsolaria perfila ematen ari da gaia entzuten, gai jartzaileak bukatu du gaia ematen. Bertsolaria perfila emateari utzi eta kamaran parez pare ipini da. Ileak dantzan hasi zaizkio(Bentiladorea martxan ipintzearen ondorioz) Kamara berarengana inguratzen hasten da, bere aurpegitik oso gertu geratzen da kamara, geratu den momentu berean bertsolaria atzeraka dijoa, guregandik aldenduz, zuzen atzeraka. Publikoak bertan jarraitzen du. Ixilean itxoiten. Antzokiko oholtza hondartza bihurtu da, bertsolaria atzeraka dijoa ileak airean dituela. Publikoa itxoiten dago. HONDARTZA. KANPOA. EGUNA. Hondartzan bertsolariak atzeraka jarraitzen du. Uretan dijoa atzeraka. Uretan desagertzen da. Itsasoa ikusten dugu bakarrik. ZULAIKA OFF "Ahora digo tambien que es como si dejase a la gente(que le escucha) en la playa. Y fuese retrocediendo de espaldas al mar. Y fuera sumergiendose hasta desaparecer." UR AZPIA. BARRUA. EGUNA. Bertsolaria ur azpian ikusten dugu atzeraka buzeatzen, martxa atrasean. Hitzak ikusten ditugu bere inguruan. Hitzez beteriko itsasoan dijoa bertsolaria. Ur azpian atzeraka egiteari utzi, kamarari finko begiratu eta aurrerako bidea hartzen du, argirako bidea, erabakior dijoa indartsu ur azpian buzeatzen. ZULAIKA OFF "Y sumergido del todo nos hablase con ese ritmo del amor que llega con las olas a la playa (Y que tambien puede embravecer) Digo que sumergido como si nos fuera enviando sus sentimientos e iluminaciones, como si fuera desandando las sombras y descubriendo, recuperando las cosas en nuestra alma interior con ese ritmo continuo e incoherente de las olas, en apariencia incoherente, que su estilo continuo, empalmado y libre que se reitera sin repetirse, sucesivo. largo, llano, recitado, lento y breve......reversible en su movediza e irreparable direccion natural.” HONDARTZA. KANPOA. EGUNA. Publikoa silletan eserita dago hondartzan itsasoa aurrean dutela. Itsasoaren olatuak gero eta indartsuago datoz ikusleengana. Bertsoa entzuten hasten gara. Ikusleak eserita jarraitzen dute. Aulkiak jada uretan daude, ikusleak itsasoari begira gustora jarraitzen dute bertsoa entzuten. Gero eta tapatuago daude, bertsoa bukatzean jada itsasoak ikusleak jan ditu. Itsasoa lasai dago. EMAKUMEA TXAPELDUN SAN FRANCISCO. KANPOA. EGUNA. Egaña eta Maialen san francisco-ko portuan paseatzen. EGAñA Guk 28 urte eta maialenek 15 zeuzkan garaian edo guk 30 eta maialenek 15, maialen bazen bertsolari bat 15-16 urtekin sebastian lizaso eta nerekin etorri eta aurre egiten ziguna, baina jendeak onar zezan erabiltzen zuen esaldia zen: Neska hau, eh neska honek potroak dizkik. Nola? neska hau bai, neska honek potroak dizkik? Zirrikitu hortatik egin zuen bere bidea Maialenek, baina gero bera jabetu zen eta hori sekulako meritua da, egin nahi zuena ez zela hori, eta joan zen bere ikuspegi propioa, emakume eta pertsona ikuspegi propioa lantzen eta pixkanaka pixkanaka iritxi da hain ikuspegi fina eta afinatua izatera, gozamen bat dela gaur egun entzutea ezta. Eta horrek ekarri du bere ondokoak ere, hobetu egin garela, bai gure sexismoari dagokionez eta baita gure gaitasun artistikoari dagokionez ere. Eta jakina ezta maialen bakarrik, bere inguruan emakumezko asko eta gizonezko asko ibili gara, eboluzionatu arazi duguna bertsolaritzan generoaren ikuspegia. SARASUA Nik Maialen ere ikusten dut bide bat egin duen bertsolari bat moduan, pixka bat, ezta? Identifikatzen dut baita ere nik bizi izandako gauza batzuekin. Hamabost urterekin bertsotan hasi, eta gainera etortzen zaizu bertso mundua, zure nortasuna eraikitzen ari zara eskaparatean, eta gero bide bat egiten duzu, pertsonalizazio bide bat, sakontze bide bat, nik Maialen bide horretan ikusten dut eta emozionantea iruditzen zait. Lagun dudan aldetik ikustea nola eboluzionatzen ari den bere bertsogintza, lurrale berrien bila ari den, ahots ezberdin baten bila ari den, eta iruditzen zait ahots hori bera benetan denarekin gero eta gehiago konektatzeko bidea egiten ari dela. Eta zentzu horretan niretzat entzule bezala ere ba gozamen bat ez, entzutea. Artxiboko argazki eta irudiak animatu eta historian zehar paseotxo bat emango dugu. MAIALEN Gaur egun beti aipatzen da emakume bertsolariak badabiltzala plazan, estreinekoz, eta gu garela pixka bat horren banguardia. Baina historia, emakumeen historia galdu egiten da beti, baina jakin badakigu 1452ko Bizkaiko Foruetan aipamen bat egiten delako, orduan ere bazirela emakume bertsolariak, edo profazadorak esaten zitzaienak. Profazadorak nonbait ziren, hiletetan, jaiotzetan eta ospakizunetan, ezkontzetan, holako festetan kantatzen zuten emakumeak. Bestelako kulturetan ere ezagunak dira, planiderak eta abar. Orduan Bizkaiko Foru horrek aipatzen du galerazten zaiela emakume profazadora horiei kantatzea. Eta mila marabediko isuna jarriko zaiola hola kantatzen harrapatzen denari. Beraz, kurioski, emakume bertsolarien lehenengo aipamena prohibizio baten bidez daukagu. Baina behintzat Foru horrek ematen digu berri 1452an garai hartan bazirela kantatzen zuten emakumeak. Ordutik hona gure irudipena izan da, eta gaur eguneko diskurtsoak diona da emakume bertsolaririk ez dela egon gaur arte. Baina oraindik ere baserrietan eta etxe askotan aipatzen digute behar bada familia hartan bertsolaririk onena amona zela, edo ama zela, edo izeba zela. Noski emakume horiek egoera sozialagatik ez dute sekula plazan kantatu izan. Eta hori da kontua. Ez emakume bertsolaririk ez dela egon, baizik eta emakume bertsolari horiek ezin izan dutela plazara atera, zirkunstantzia sozial eta ohitura sozialengatik. Orduan herriko plazan edo festan kantatu izan dutenak beti gizonezkoak izan dira. Eta gaur egun, edo orain gutxitik hona emakumeok hasi gara berriz plazara ateratzen. Eta gure plazaratze horretan gure zailtasunak, trabak, eta kinkak, sentitzen ditugu, aspalditik datorren kontu baten ondorio dira, eta pixka bat horiei buruz gogoeta egiten gabiltza etengabe. Nik uste bertsolariaren irudia oso irudi sendoa dela, geldia, segurtasun bat trasmititzen duena, norbere buruarengan sinismena transmititzen duena, indarra transmititzen duena, bere ahots ozen horrekin, bere planta sendo horrekin, eta ezaugarri horiek ez direla behintzat emakume guztiekin lotzen direnak. Emakumea heziketaz ere ez da hezia izan gaur egun arte zentroan egoteko, nabarmentzeko, espazioa okupatzeko, ozen hitz egiteko, bere buruaz eta bere iritziaz jabe eta sendo sentitzeko, heziketaz ere ezaugarri horiek ez dira lantzen emakumeengan. Behar bada gehiago gaur egun, baina orain arte ez asko. ZULAIKA Zeren hainbeste hitz egiten degu maskulinidadearen krisia eta abar, sasoi batean Balentziagak gure txapel euskalduna modan jarri zuan Hollywooden emakume aktrizen buruetan, feminizatu zigun fum txapela, gizonezkoen sinbolo totala txapela, gizona eta txapela, feminizatu zigun Balentziagak, eta orain zer da Maialen Lujanbiok neurri batean bereganatzen du, orduan dago alde batetikan satisfakzio handi bat, aurreratzen ari gera, baina bestalde gizonezkoak nik uste inkontzienteki, konturatzen gerala gure maskulinitate hori, ba en fin, badijoala, gure gizarte tradizionala ere badijoala, eta alde batetikan zelebratzen dugu, eta beste aldetikan arduratu egiten gera, zer gera gu? Eta nik uste lepotik heldu behar diogu alkarri, porque, eta horko besarkada hain, e, genuino haiekin, besarkada hain eder haien ondoren, besarkada hura argazki horrek neretzako esaten du dena. bertsolaria beren kreatibitatea, beren lagunarte horrekin, bere autentizidade horrekin, nik uste euskldunoi beste inori baino gehiago ari zaigu erakusten aurrerako bidea, genero, gizon emakumezkoen arteko harreman hauetan ere, nola aurreratu genezakeen, e nola elkarri babestu. Eta nik txapela kentzen diet bertsolariei, halako, kapaz direlako. MAIALEN Alegia, gaur egun zailtasunak oso sutilak dira, ez dira hainbeste kopuruzkoak, garai batean emakumerik ez zen ikusten plazan, eta gaur egun ikusten dira. Hor salto handi bat egin da dudarik gabe eta behar bada saltorik bortitzena. Baina orain behar bada dauzkagun arazoak sutilagoak dira, eta inkontziente mailakoak. Emakumeak kantatzen duena nola jasotzen den, ba al daukan pisurik, emakumearen ahotsak eta gizonezkoarena pisu berdina al daukaten, iritzi horiek. MAIALEN (CONT’D) Bestalde, adibidez, maila azalekoago batean, .Kosta egiten zaigu umorea egitea emakumeari buruz, bere munduari buruz, bere jarrerari buruz, bere janzkerari buruz... gizonekiko lasai egiten dugun umore mota bat. Behar bada ez umore motarik interesgarriena baina bueno. Kasu batzuetan oso lasai egiten dena, emakumeei zuzentzen gatzaizkienean zenbat zailtasun umorea egin ahal izateko horrekin. Eta umorea ukatzen zaion pertsona benetan motz gelditzen den pertsona da, eta nik uste dut umorearen eta emakumearen arteko harremana oraindik bide asko egiteko dagoela, eta horrek adierazten du gabezia bat, ezintasun bat, beste gai askotan ere ematen dena. TXAPELKETA TABERNA. BARRUA. EGUNA. Tabernako telebistan bertsolari txapelketako finala ari dira botatzen. Tabernan jendea adi adi dago bertsolarien jarduna ikusten. SUKALDEA. BARRUA. EGUNA. Sukaldatzen ari diren bi emakume telebistaz finala jarraitzen, euren eginbeharrak egiten jarraitzen duten bitartean. TXALUPA. BARRUA. EGUNA. Txalupa batean arrantzan dago gizon ile zuri bat, irratia ipinita du. Finaleko bertsoak entzuten ari da. XENPELAR. BARRUA. EGUNA. Jhon foley aditua kamara aurrean hitzegiten. FOLEY 2005ean ikusi nuen nola hasierako zortzi bertsolarietatik bik bakarrik egin zutela aurrera eta nolako presioa zuten bertsotan egiteko. Niri ahalegin handia eskatzen duen prozesu luzea iruditu zitzaidan, egun osoko prozesua. Eta horri aurre egiteko ez da trebezia bakarrik behar, baizik eusteko eta erresistentziarako gaitasuna ere bai. GANBARA. BARRUA. EGUNA. Andoni Egaña kamara aurrean hitzegiten. EGAñA Ba dago euskaldun dexente hitzaren jolasarekin, gure pentsamentuak tolestatzeko eta botatzeko gaitasunarekin gozatzen duena eta horrek poz handia ematen digu guri, eta bestetik txapelketan gertatzen da, guzti horren erpina bihurtzen dela eta txapelketak ba dauka bertsozaletasunaz harago ere beste esanahiren bat, finalak adibidez. Finalean euskalduna joaten da, euskaldun asko joaten da, ez bakarrik bertsoaren alderdi ludiko eta sozial eta politiko hori gustatzen zaiolako, euskaldunak arrazoi gutxi izaten ditu euskera hutsez euforia momentuak bizitzeko eta nik uste dut denoi gustatzen zaigula noizean behin kolektibo baten parte sentitu eta momentu onak pasatzea. Eta bec-ek hori ziurtatzen dio euskaldun askori. HONDARTZA. KANPOA. EGUNA. Andoni Egaña Zarautzko hondartzatik paseatzen ikusten dugu. EGAñA (CONT’D) Azken boladan, orain txapelketako bezperan gauden hontan, igual konturatu naiz, gehien molestatzen nauena kalean jendeak esatea eh Egaña, txapeldun! ya bigarren apellido hori, txapeldun hori, ya pisutsu xamar gertatzen da. Nik badakit Andoni Egaña Makazaga naizela ez Egaña txapeldun" Andoni Egaña Zarautzko kanalean zigarroa erretzen ikusten dugu. EGAñA (CONT’D) Txapeldun berririk balitz berak ikusi beharko luke txapelari zer garrantzi ematen dion edo nola hartzen duen horren representatibidadea edo representaderik eza edo, eztakit hori txapeldun berriak ikusi beharko luke baina nere kasuan lasai hartuko nukela, lasai eta lasaitasunez, txapelaren erreleboa." GANBARA. BARRUA. EGUNA. Andoni Egaña bere ganbaran hitzegiten. EGAñA Urrian hasi nintzan bertsolaritzan txapelketa zela eta zentratzen, eta bueno, forma puntu ona hartu nuen urria bukaerarako edo hola, eta orduan pentsatu nuen ostras, ez nadin gehiegi entrenatu, pentsatu nuen fresko joango naiz aurten. Zergatik? Ba bueno, ikusi dudalako bertsolari zenbaitengan, zenbait sobre-entrenamentu sintoma ezta, asko entrenatu eta ya nazkatu norbere burua entzuteaz, gauza politak esaten ari baina ez iruditu, zerbait berria esaten ari denik, ta orduan norbera emozionatzen ez bada, bertsotan ari denean eta harritzen ez bada bere kapazidadearekin jendea harritzea ere zaila da. Ta horrekin jokatzea espero dut aurten. ADARRA MENDIA. KANPOA. EGUNA. Maialen Mendian paseatzen. MAIALEN Baina nik uste inportanteena nire kasuan behintzat ez zutik baizik eta oinez egiten dela. Nik gauzarik inportanteenak, edo erabakirik inportanteenak hola hartu ditut, oinez beti, paseoan, mendian, eta... Eta hor hartzen diren erabakiak dira pixka bat jarrerari dagozkionak, jarrerari, posizioari, begiradari, non kokatzen zaren gaiekiko, gauzekiko, bertsolari bezala nola nahi duzun hitz egin, zer izan nahi duzun, zer doinukera erabili nahi duzun, zer tonu erabili nahi duzun, zer diskurtso mota, zenbat edertu nahi duzun bertsokera, edo zenbat nahi duzun fidela izatea zure pentsamenduari, zer tipotako bertsokera egin nahi duzun, eta pixka bat non kolokatzen zaren bertsoarekiko, eta bertsoaren bidez munduarekiko, edo proposatzen zaizkizun gaiekiko. TABAKALERA. BARRUA. EGUNA. MAIALEN Eta lanketa hori dena azkenean auto sinismenari lotua, eta konfiantzari lotua ere, nire kasuan behintzat, oinez egiten da. Ez dakit, zirkulazioa eta ideiak ere hobeto mugitzen direla. Bai, eta gainera oinez egiten da bi eratan, modu metaforikoan, eta modu fisikoan. Modu fisikoan, alegia, mendira joanez, eta pentsatuz, eta bueltak emanez, jarrerari, gauzen zentzuari, zure bilakaera hori, eta baita ere oinez denboran zehar. Alegia, urtetatik gaur egun arte etengabeko kontraesan horretan bide eginez. Oinez bi zentzutan. HONDARTZA. KANPOA.EGUNA. Egaña hondartzan paseatzen ikusten dugu. Esponja zahar bat itsasertzean gora eta behera ari da olatuen dantzara. Kaioak esponjaren inguruan ari dira ohiuka, esponjarekin jolasten. EGAñA Txapelketa aurreko garaian belaki bihurtzen gara, inguruko dena xurgatzen dugulako eta bele ere bai, besteen ideiak harrapa genitzakelako. Eta bele eta belakitasun horren barruan bakoitzak dauzka bere metodoak, baina esango nuke oso erne egotean datzala, sekretua. Gizartean, inguruan gertatzen denarekiko erne egon, gogoeta egin eta gero gogoeta hori partikularra izatea." BEC TABERNA. KANPOA. EGUNA. Egaña BEC-eko inguruetako taberna baten kafea hartu eta purotxo bat pizten du. EGAñA Nire saioa hasten da galtzerdi beltzak jasten ditudanean, ez dakit zergatik, maniatikoa naiz hortan. bertsotara joan behar badet behintzat galtzerdi beltzak behar izaten ditut, etxean petralaldi momentu bakarrak izaten ditudala, bertsotara joateko momentuan jazten ari naizenean edo, baina hori gainditu eta etxetik irten eta herriko irteerako taberna batean kafe bat hartu eta rosli txiki bat piztu eta ya mentalki jartzen naiz lanerako. ADARRA MENDIA. KANPOA. EGUNA. Maialen menditik dijoan ibiltzen. Aurretik jarraitzen diogu. MAIALEN Ez da erreza asmatzen nola ondo egon bertsotarako, eta noiz zauden argi eta noiz zauden lanbro. Behar bada egun batean oso saio ona egin duzu, oso ondo sentitu zara, eta hurrengo egunean pauta berdinak errepikatzen dituzu, saioaren aurretik egiten duzu lehen egindako gauza bera, baina ez zaude berdin, burua ez dago berdin. Eta nik ez dakit, faktore askok eragingo dute hor, nekeak, lekuak, motibazioak, tentsioak, nerbioak, ilusioak, gauza askok eragin dezakete. Baina bada misterio bat ere, ez da batere formula matematiko bat. Baldin eta hau eta hau egiten badut saio aurretik emaitza ona izango da, hori ez da existitzen, eta batzutan ustez oso ondo zaude, eta tabladura atera eta beldurrak hasten zaizkizu, edo ez dituzu bertsoak ondo ikusten, ez datorkizu ideiarik. Kontrakoa ere bai, oso nekatuta zoaz eta behar bada egun brillante bat daukazu. Nekearen barruan axolagabekeria puntu horrek zaramatza gauza brillanteak egitera. Orduan ez dago formula bat. Baina era berean uste dut egun inportantetan asmatzen dugula ondo xamar egoten. Eta esango nuke saio horri ematen diozun baloreak, tentsioak, eta preparatiboek laguntzen dutela ondo egoten. Ez dakit, saio baten esperoan badaramazu aste bete, edo egun batzuk, ba normalki oso presente daukazu, inkontzienteki lantzen ari zara kontestu hori, lantzen ari zara saio hori, pentsatu duzu saio horretan, zure ahaleginean, eta nik uste preparatibo horrek tentsio bat ematen dizu, inportantzi bat ematen dio saio horri eta holakotan arriskua izaten da saio on bate giteko. BEC. BARRUA. EGUNA. Egaña bec-eko silla artean ikusten dugu. Langileak txapelketa prestatzen ari dira. EGAñA Txapelketa hau berezia da niretzat ere, zazpigarren finala, lau txapel baditut lehendik eta egia esan ez dit ilusio ikaragarririk egiten irabazteak edo txapela jazteak, bostgarrenak. Emozionalki, nik uste dut iluntzeko zortziretan datorren igandean gahiago emozionatuko nintzake eta poztu lagunen batek irabaziko balu, nik irabaziko banu baino, badakit ez dela lehiara joateko jarrera baina espero dut hara jun, ondo sentitu eta lehiakorra izatea. Baina besteari ere ezin diot uko egin, sentitzen dudana kontatzeari." ZOZKETA GELA. BARRUA. EGUNA. Bertsolariak finaleko atarian zozketan parte hartzen dute. FOLEY OFF Bertsolarien lehia ere oso sanoa dela ikusi dut, oso positiboa. Inprobisazioan oinarritutako beste tradizio batzuen antzekoa da. Bata bestearekin lehiatzen da, edo erantzun egiten dio, eta oso jarrera ona dute. Ez dute gainditu beharreko zerbaiten gisan hartzen, baizik, elkarlanean aritzen dira, batak bestea animatzen du. Eta horrela, gero eta bertso hobeak botatzen dituzte eta, beraz, amaierako bertsoak hasierakoak baino hobeak dira. MAIALEN OFF Badago elkartasun bat, eta badago talde kontzientzia bat, eta nik uste dut batzen gaituena dela, gauza asko dira, batetik herriz herri eta astez aste eta urtez urte elkarrekin gabiltzala, plazetan, eta azken batean bertsolaritza elkarlanezko jardun bat da, nahiz eta indibiduala ere baden, baina jardun kolektibo bat da. Eta gu kasik gure lagunekin baino gehiago egoten gara gure bertsokideekin, beraz azkenean gure lagunik minenak gure bertsokideak bihurtzen dira, eta urte guztian elkarrekin gaude, urtetan. Horrek talde giro bat sortu du, baina benetan uste dut talde kontzientzia hori, eta BECen islatzen zen giro hori, ematen duena dela badaukagula bertsotaz harago dagoen zerbait egiten aritzeko kontzientzia. Alegia, gure helburua ez dela bertsotan egitea bakarrik, gure helburua ez dela txapel bat irabaztea, txapelketaren funtzioa eta hor dauden bertsolariena hortik harago doan zerbait da. Eta bertsolaritzarekin berarekin dauka zerikusia, bertsolaritza suspertzearekin, indartzearekin, euskararekin dauka zerikusia, gure herrian egiten den euskarazko jardun handiena da seguruena txapelketako finala, eta benetan badaukagu holakoen beharra, zeren eta zoritxarrez ba ez daukagu euskarazko eta indartsu den jardun askorik, eta hor ari garen bertsolariok badaukagu funtzio haragoko bat betetzen ari garenaren ideia. Funtzio nahi bada hizkuntzari lotua, herriari lotua, nahiz eta herria esatea pixka bat anbiguoa den, baina bai, Euskal Herriari lotua. Herrialde guztietako jendea biltzen da, eta bertsolariak ere halatsu, herrialde ezberdinetatik biltzen gara, euskarazko jardun bat da, sortzailea da, baikorra da, badaukagu horretan, eta lur hori lantzen aritzeko kontzientzia, beraz ez da karrera indibidual bat, edo ez hori bakarrik. Eta hori da talde giro hori indartzen duena. JOKOA JOLAS PILOTALEKUA. KANPOA. EGUNA. Sarasua txapelketaz ari zaigu. SARASUA Bai, nik uste dut bertso txapelketa nagusia dela euskal idazle onenek, edo herrialde bateko idazle onenek, literaturzaletasuna sustatzeko egingo dugu lau urtean behin herrialde honetako idazle onenen lehiaketa bat, goiz batean, ipuin onena nork idatzi. Eta horrek konbokatuko balitu milioika pertsona lehiaketa hori jarraitzera. Uste dut idazle horiek badakitela goiz horretan ipuin onena idazten duena ez dela idazle onena. Eta ez dela hori beren urte guztiko jardunaren erakusgarri ere. Baina egiten dutela nolabait ahalegin hori, bueno, lau urtean behin antzezteko nolabait literaturaen gailurra. Nik holako zerbait uste dut dela txapelketa. Eta uste dut txapelketa horretan ere bertsolari horiek erakusten dutela lehiatzen ari direla, eta zalantzarik gabe ahalik eta ondoen egiten dutela eta irabaztera doazela, baina aldi berean transmititzen dutela lehia horretan badela zerbait faltsua. Eta badela kooperazio modu bat. Eta ari direla nolabait esanda atzezpen bat egiten gailurra bisualizarazteko eta mugimendua indartzeko. Baina benetako literatura ez dela lehiaketa hori. Benetako literatura urte osoan zehar egiten duten lana dela. Eta benetako bertsolaritza urte osoan zehar plazetan, tabernetan, antzokietan, frontoietan, gertatzen den bertsolaritza hori dela. ARTXIBOKO IRUDIAK. Artxiboko irudi animatuekin 1935 enpatea irudikatu. ZULAIKA Txirritak eta Uztapidek hogeita hamabostean enpate gelditu ziren, eta Ustapidek esan zion, "(...) beno Txirritari eman txapela, ni gaztea naiz eta badaukat astia gero eta" nola da posible joku baten ondoren, zelan enpate? ez delako benetan neurtu daitekeen zerako bat, pelotan, frontoian, badakizu tantoa egiten denean ba erraza da neurtzen, baina bertsoan nola neurtzen dezu? enpate hori denontzat da gauzarik ederrena, por que, enpate dira neurri baten, jartzen dituzu bertsolariak, bi hauek, eta ari zien, ba baten gustutik egon daiteke ba beteaino ba, bestea baino, baina nola neurtzen dezu zera hori? neretzako enpate, enpate benetan, enpate bat. PILOTALEKUA. KANPOA. EGUNA. Sarasua kamara aurrean hitzegiten. SARASUA Nik uste dut ez dela bertsolari onenik. Oso galdera natzerakoa egin dezakegu idazle onenik baden. Eta musikari onenik bada? Eta zinegile onenik? Badaude sorkuntzak, badaude kalitateak, badaude eliteak, eta gero daude gustuak. Niretzat bertsoak asko du jolasetik. Lehen esan dut pixka bat sorkuntzatik, eta ideak eta sentipenak azaltzetik baduela, baina hori jolasaren bidez. Betidanik txikitan taldean lagunarteko jolas bat izan da. Eta gero jardun publikoagoa bihurtu denean ere niretzat bertsokideen artean gertatzen dena jolas bat da. Eta badu bere mamia niretzat honek, bertsokideen artean oholtzan gertatzen delako lehia, arrazoi bideen lehia bat. Ni lehiatzen ari naiz, nire arrazoia bestearenaren kontra. Eta lehia benetakoa da, baina bada nolabait lehiaren antzezpen moduko bat ere. Sakonena kooperazioan ari garelako, lankidetzan ari gara, biok nahi dugu elkarrizketa ondo ateratzea. Orduan niretzat jolas konbertsazional bat da bertsoa, horregatik ez naiz oso eroso sentitu izan, joko, lehia, arautu moduan ikusi izan dudanean bertsoa. TABAKALERA. KANPOA. EGUNA. Maialen kamara aurrean hitzegiten. MAIALEN Zaila da jokoaren eta jolasaren arteko dialektika hori eta txapelketaren eta sorkuntzaren arteko uztarketa hori. Alde askotik heldu dakioke, eta alde askotatik kritikatu eta defenditu daiteke. Eta nik benetan bi aldeak ikusten dizkiot justifikagarri. Alde batetik bertsoaren magia hain da momentukoa, hain da subjektiboa, horrek ezinezko bihurtzen du bertso hori baloratzea. Bertsoa beste zerbait da, ez da teknika bakarrik, ez da kantakera bakarrik, eta hori baloratzea subjektiboegia izan daiteke benetan emaitza onartzeko moduko bat emateko. Hori alde batetik, bestetik, bertsolariak ahalegin berezia egiten dute txapelketarako prestatzeko, eta azkenean txapelketa bihurtu da mugarri artistiko bat. Lanketa intentsoena horretarako egiten dugu eta behar bada gure proposamenik berrienak eta hor plazaratzen ditugu. Eta normalki artistikoki inflexio puntu bat izaten da, edo izan daiteke. Mugarri bat. Eta horrek esan nahi du, sorkuntza artistiko horretan, eta sorkuntza prozesu horretan, interesgarri bihurtzen duela txapelketa. Horrez aparte, eta pixka bat plano sozialago batean, txapelketak ematen dio euskarari, euskarazko jardun bati bestela pentsaezina den dimentsioa. Txapelketako finaleko biharamunean komunikabide guztiek hitz egiten dute txapelketari buruz, baita komunikabide erdaldunek ere. Eta herri honetan daukagun panorama sozio linguistikoa ikusita, erdaldun askok eta askok, euskarazko munduaren berri izateko modu bakarrenetako da. Eta gainera euskarazko munduaren berri inbidia emateko modu batean, modu erakargarri, indartsu, pozgarri, eta baikor batean. Orduan alde horretatik, sozialki, badaukala funtzio bat. Sozialki presentzia bat hartzen du bertsolaritzak, euskarazko jardun batek. Eta bertsolaritzaren beraren ikuspegitik oso lur ezberdinak dauzkagu lantzeko, Euskal Herriak oso eremu ezberdinak dauzka, oso klima ezberdinak linguistikoki, eta txapelketak balio izaten du komunikabideen bidez, lur horietan denetan bertsoaren hazia ereiteko. Eta nik uste dut gaur egun euskarazko kultura denaren premian dagoela, eta ezin diogula uko egin horrelako aukera bati. Orduan, bueno, baloratu egin behar da, funtzio sozialak, funtzio linguistikoak, eta funtzio kulturalak, eta logika artistikoa nolabait. Logika artistiko hutsetik begiratuta txapelketa batek ez leukake zentzurik, baina guk ez diogu begiratzen hortik bakarrik, begiratzen diogu baita ere bestelako funtzio horien ikuspuntutik. Funtzio sozial, funtzio linguistiko, horien ikuspuntutik. Eta are, txapelketak behartzen gaitu artistikoki esprin bat egitera, eta gogoeta bat egitera gure bertsokerari buruz. Ederra litzateke txapelketarik gabe ere hori egingo bagenu. Baina ez dugu egiten. Eta txapelketak ere pixka bat gure bertsokera obserbatzera eramaten gaitu, eta pixka bat definitzera ere. Zer egiten ari garen eta zer egin nahi genukeen, edo noruntz goazen. Eta horraldera lanketa bat egitera garamatza txapelketak. Beraz artistikoki ere azkenean txapelketak jauzi kualitatibo bat suposatzen du, eta orduan, nahiz eta puntuaezineko eta baloraezineko jarduna izan, ba puntuatze horrek bultzatzen du garapen bat, bertsokeran, eta bertsoaren alde artistiko horretan. Orduan, azkenean bere onurak ere badauzka kalteak adina. Eta momentuan nik uste egoeraren irakurketa orokorra eginda baloratzen dugula txapelketaren beharra badaukagula. Badaukala gure kulturak, badaukala bertsolaritzak berak, Bertsozale Elkarteak, bertsolariek, balantza horretan behar bada egun batean besteak hartuko du pisua, eta baloratuko da ez dela txapelketarik behar. Orain nik uste orokorrean baloratzen dela funtzio garrantzitsu bat betetzen duela txapelketak gaur egungo Euskal Herrian. MAIALEN (CONT’D) Inork ez du ukatuko txapelketa lehia bat denik. Eta egia da horri karga kendu nahian aritzen garela, eta benetan esaten gure helburuak benetan beste batzuk direla, karrera pertsonal bat badagoela baina helburu kolektiboak lehenesten ditugula. Eta nik uste dut hori benetan esaten dugula, gero topikotzat juzkatu liteke, eta esan, “bai, zuek beti hain lagunartean, eta beti lehiarik ez dagoela esaten, eta gero denak lehiara zoazte”. Eta egia da azken batean, badago lehiaren konponente hori, eta badago batez ere lehia autosuperazio bezala ulertuta, pixka bat bertsolaritza ere lehia ulertzeko modu berezi bat da. Eta uste dut horrek ere talde giroa indartzen duela. Alegia, bai txapelketa da, lehia da, norberak ahalik eta ondoen egin nahi du, ahalik eta puntu gehien bildu, baina beti beste batekin ari da, elkar lanezko jardun bat da, ikuskizuna aurrera ateratzeko eta maila onean aurrera ateratzearen kontzientzia ere badaukagu, beraz nolabait desio dugu bestek ere ondo jardutea. MAIALEN (CONT’D) Gero nahiko dugu geroni hobeto jardutea noski, baina norbera ondo jardute hori ere autosuperazio moduko jarrera bat da.Zuk dauzkazun intentzioetatik hurbil ibiltzea, egiten ari zaren ahalegina plazaratu ahal izatea, doinu jakin horietan, zuk landutako errimaje hori, ideia aldetik zure buruarekin koherente eta fidel izatea, hor badaude apustu batzuk oso intimoak direnak. Orduan lehia nahiko intimoa ere bada, nahiko norbere buruarekin egiten den lehia bat ere bada. Eta hori azaldu nahian jende aurrean. Orduan interesgarria da lehia ulertzeko modu hori, zeren eta kooperatiboa ere bada aldi berean, autosuperazioa ere bada, eta lehia, lehia ere bada. Lehia, besteekiko lehia, ez nuke esango besteen kontrako, baizik eta besteekiko lehia. Uste dut lehiaketa modu berezi bat dela, ez dela elkar zapaltzearen konpetizioa, baizik eta beste zerbait. SARASUA Batetik nire ustez bertsoaren osagai nagusia ludikoa da, hau da jolasa. Eta sartzen denean jokoaren interesa, lehiaren interesa, eta lehiaren atzean dagoenean prestigioa lortzeko mekanismoen arteko norgehiagoka desleial bat, iruditzen zait behintzat bertsoa ulertzeko nire moduari kalte egiten zaiola. Eta nik hor ezin dut kokatu. Hori bat. Eta bestetik nire ibilbidean behintzat bertsoa nire baitan sentitu izan dut bertsoa gero eta gehiago autore bati dagokion zerbait. Ni gehiago sentitu izan naiz azken urteetan kantautore bat moduan kantatzen duena berari ateratzen zaiona, edo idazle bat moduan, idazten duena sortzen zaiona. Ez diot inoiz zentzurik bilatu beste idazle batekin lehiatzeari, ia norena den nobela hobea. Edo bi kantautore elkarrekin lehiatzea moduan txapelketa batean, ez, kantautore batek ateratzen du ateratzen zaiona, eta idazle batek idazten du egiten duena. Pixka bat autore ikuspuntutik bizi izan dut barnetik behintzat bertsolari izatea, eta oso zentzuz kontrakoa iruditu zait nire sortzaile lagun onenekin sari baten truke lehiatzea. Ez diot zentzurik bilatu. SARASUA (CONT’D) Beste kontu bat da bertsolaritza gaur egun mugimendu bat dela, hizkuntza minorizatu batean gaudela, eta gaur egun bertsolaritzaren masa mugimenduan oso funtzionala eta erakargarria dela bertsolari puntakoenen arteko lehia hori. Eta gainera balio duela kalitatea berritzeko, prestigio irizpideak berritzeko, eta masa mugimendu astinaldi interesgarri bat sortzeko. Orduan nik mugimenduko partaide moduan hori babesten dut, baina artista moduan ez zait ateratzen parte hartzea. Hala ere izugarri errespetatzen eta miresten dut gaur eguneko bertsolariek, autore izanik ere, egiten duten, nolabaiteko autore izatearen sakrifizio puntu bat, lehia espektakulu hori eskaintzeko, askotan lehentasuna emanez bertsolaritzaren mugimenduari norbere autore izaerari baino. Konpetizio tipo ezberdinak ikusiko ditugu: aizkolariak, gizon proba, harrijasotzaileak, pelotariak. MAIALEN Gaur egun konpetizioa ulertzeko modua oso beste bat da. Oso besteak zapalduz aurrera egitekoa, edo besteak txikituz, edo edozer gauza ontzat joz irabazteagatik. Eta uste dut bertsolaritzak bestelako eredu bat proposatzen duela, hain zuzen ere ez delako kirol lehia bat. Kultur jardun bat, jardun kreatibo bat delako, eta ezinbestean lehia beste erara ulertu behar da. Gu sortzen ari gara, ale ederrak, ale interesgarri izan nahi dutenak, lehengaia dialektika da, arrazoia da lehengaia, mundu dialektiko horretan, eta hoskidetasunaren eta estetikaren mundu horretan sortzen ari gara. Orduan behar bada termino hauek, eta lehiaren terminoek ez dute bat egiten, inposibleak dira uztartzen, eta txapelketak nolabaiteko uztarketa bat egiten du bi mundu horiena. Behar bada hasi gintezke orain, eztabaida genezake ia zentzurik ba al daukan jardun artistiko bat puntuatzeak, eta baloratzeak, eta jardun artistiko baten lehia planteatzeak. Hori beste galdera bat da. Baina nik uste dut sorkuntza jardun bat delako dela lehia ere bestelakoa, eta gure helburuak hizkuntza mailakoak eta kultura mailakoak direlako, eta ez helburu pertsonalak bakarrik. FINALA. Maialenek nola irabazten duen eta Egañak Maialeni botatzen dion zorion bertso hunkigarria. TXAPELDUNAK Txapeldunak grabatu. Denak gizonak. Artxiboko bilatu gizonak txapelarekin. SARASUA Sinbolo bat da. Eta sinbolo bat den aldetik iruditzen zait Maialenen buruan dagoela sinbolo hori ederki. Eta ez dut hainbeste begiratzen genero ikuspuntutik. Horrek ere zeharbidez izango ditu ba bere alderdi onak. Genero ikuspuntutik baino gehiago gustuko dut Maialenen gainean egotea sinbolo hori, Maialen nire ustez belaunaldi baten adierazgarri delako, eta ibilbide pertsonal baten adierazgarri delako. Eta ikusten dudalako belaunaldi horrengan eta Maialenengan transmisio sena beste behin. Aurreko belaunaldietatik eta neurri batean beharbada geuregandik jasotako testigu hori hartu eta esatea “orain guk honekin egin dugu guri ateratzen zaiguna, eta hurrengoentzat beste koska bat jarri.” MAIALEN Bai azkenean objektuak berak ez dauka halako baliorik, balioa ez da objektua baizik eta horrek esan nahi duena. Eta gero bestalde, bueno, saria txapela izatearen kuriositatetxo hori. Aurten ere txapela emakume batek irabazi, eta ez emakume batek, baizik eta ile luzeko emakume batek, eta buruan zapia darabilkien emakume batek txapela irabazi izanak hor sortu zuen edo sortu zezakeen kontraesantxoa ez, pixka bat bilatua ere. Buruan zapia ibilita gainean txapela jantzi ote litekeen, edo kabitzen ote den, edo nola ematen duen batak eta besteak. Eta polita izan zen ikustea bai bata eta bai bestea buru batean posible dela jartzea eta ondo geratzen direla. Joxe Agirrek txapela ipintzen dio Maialeni. TABAKALERA. BARRUA. EGUNA. Maialen kamarari hitzegiten. MAIALEN Ni bertsoaren bidez eta bertsoaren inguruan espresatzen naiz. Eta bertsoak lagundu dit ere nire burua ulertzen, nire burua espresatzeko modua eman dit, eta esan liteke jada nire barruaren parte den zerbait dela bertsoa. PILOTALEKUA. KANPOA. EGUNA. Jon Sarasua kamarari hitzegiten. SARASUA Inprobisatuko dugu, inprobisatuko gara. Inprobisatuko dugu garena eta izan nahi duguna, eta etengabe sortuko dugu eta erabakiko dugu zer izango garen eta zer egin nahi dugun. Nik uste dut sentipen horri lotzen dut gehiago bertsotarako grina. ANTZOKIA. Hasieran ikusi degun "zurrunbiloa" aurreraka goaz orain, hitzak gero eta argiago agertzen dira tunel horretan, jada esaldi bat ere osatua ikusten dugu bertsolaria mikrofonora inguratzen den biartean. Bertsolaria mikrofonora inguratu eta bertsoa botatzen du. (Gaia hauxe zen: Bertsolaria zara, Zineko pantaila batean zaude, hor bestaldean zine aretoa jendez betea dago zuri begira.) TABAKALERA. BARRUA. EGUNA. Maialen tabakalerako gela handi baten sartzen da. Gela handiko horma guztiak hitzez beteak daude. Ingurura begiratu eta hitzak besterik ez ditu ikusten. Hitzez betetako gelatatik aurrera jarraitzen du Maialenek. Hitzez betetako horma batera inguratzen da kamara. Bertan BERTSOLARI hitza nabarmentzen da. BELTZERA HITZAK ETA BERTSOAK 00:00:28:18 / MAIALEN – OFF Tentsio haundi bat. Begiak zabal, belarriak zabal, adimenak zabal, hor bai, alerta esango nuke. Gaia jarri aurreko, instantearen nola ezaugarria, alerta. 00:01:42:18 / GAI JARTZAILEA – TABAKALERAN Bertsolaria zara Miren. Zine pantaila batean zaude eta beste aldean jendea butaketan eserita dago. "Bertsolari" dokumentala ikustera etorri dira, eta zuri begira daude denak, adi-adi. 00:02:00:16 / ANDONI EGAÑA - OFF Bertsolarien buruan gaia entzuten duenean zurrunbiloa dabil, ezta? Zurrunbilotik lehenengo irteten dena da ba… hitz bat edo ideia bat. Lehenengo neurtu behar da ideia hori egokia den zuk pentsatzen dezunerako, gero esaldia jarri eta esaldi hori tolestatu errima baten bukatzen dela. Gero neurtu behar duzu ia aski errima badituzun familia hortakoak eta hori ba… 15-20 segundutan, ezta? 00:03:04:03 / MIREN AMURIZA- BERTSOA TABAKALERAN Ahots bat besterik ez naiz eta unkitzeko bihotz mintzak doinuak eta ideiak besterik ez darabiltzak Euskara besterik ez naiz gure izen eta aditzak mundu global hontan dute ondar ale bat herritzat Erretzen dira aroak aurrera egiten bizitzak zahartzen berritasunak eta formatu anitzak ta mendeetan barrena isiltasunak eta hitzak ahoz-aho egiten du geroa bertsoralizak 00:04:52:12/ BEC- GAI JARTZAILEA: Andoni Egaña! Andoni hauxe duzu gaia: Kazetaria zara. Badakizu idazten ari zaren artikulua azkena izango dela. 00:05:49:20 / ANDONI EGAÑA - hondartzan - OFF Bertsolaria da ba bueno, beti ere entzulego baten aurrean bere pentsamendu eta ideiak azaltzen dituen pertsona, ezta? Askotan personaje baten paperetik jarduten dugu gai-jartzaileak hala agintzen diguelako, ezta?. Ni BEC-eko finalean, zortzi orduan, izanS ninteke Obama, handik 20 minutura izan ninteke bizikleta zahar bat, handik 20 minutura angulero bat, handik 20 minutura athletikeko jokalaria eta handik 20 minutura maitale despetxatua. Hoien denen paperean kantatzen duena ordea, nere kasuan, Andoni Egaña da eta entzunleak oso ongi daki maitale despetxatua ari dela baina Andoni Egañaren galbaetik, Andoni Egañaren filtrotik pasa ta gero. Eta jolas interesgarria da hori. 00:06:48:10 / JON SARASUA ON . FRONTOIAN Neri, uste dut, bertsoak bizitzen erakutsi didala eta bizitzaren dilemak. Bizitzaren korapiloak simbolizatu ditu neretzat bertsoak. Bizitzaren korapiloak eta bertsoaren korapiloak askotan berdintsuak izan dira. 00:07:07:08 / MAIALEN ON. TABAKALERAN Ni bertsoaren bidez eta bertsoaren inguruan expresatzen naiz. Eta bertsoak lagundu dit ere nere burua, ez dakit, ulertzen edo nere burua expresatzeko modua eman dit eta bai, izan liteke nere barruan parte dan zerbait da bertsoa. 00:07:32:00 / AMETS ARZALLUS BERTSOTAN. TABAKALERAN Bi hitzetatik su bat piztean hori da bertsolaritza ideia ezta abstraktu sortzen ideia sarri da hitza eta hitza hitz bihurtuz doa suak bere txispa printza hitza da ate, hitza zerraila ta hitza bera da giltza guk hitza darabilgu ta sarri hitzak berak garabiltza 00:08:30:06 / ZULAIKA SAN FRANCISKON ON Esaten duena bezain inportantea da zer ez duena esaten alegia bere ausentziak, bere elipsiak, bere hutsuneak, bere etenak. Bertsolariak ematen ditu imagina bat bestearen ondoren, bestearen ondoren, inolako lotura gramatikal, lotura retorikorik gabe. Eliminatzen duenarekin sortzen du infinitoa eta ez duena jartzen da ematen dio indar hori bertsoari neretzako. 00:09:05:00 / JOHN MILES FOLEY These are poems, these are “bertsos” that have never existed before they are performed. Nobody is repeating anything from memory is being created right then, and is being created in a very difficult way, because you have to manage melody, you have to manage rimes, you have to manage different kinds of poetry estructures, you have to be responding to the topic, you have to respond to the person who went before you, and so you have all those things that you have to do all in once. 00:09:34:00 / BINILOKO BERTSOA- TXIRRITA Erremintoztaz nago Enemoratuta Ez dago pekaturik Hau deklaratuta Ikusten duedanak Erreparatuta Ia eiten hobeto Boza nublatuta 00:10:07:02 / FOLEY Long before the creation of writing that’s the way we created everything, we tent to thing that it all began in somewhere we are writing when writing came in 94% of the way through our existance as a species, so we spent 94% of our time before the invention of writing with oral tradition as our principal comunications technology, it was the only way to preserve history, to talk about our costums, to interact with one another and to make culture. So oral tradition makes culture for more than 9/10 of our existence as homo sapiens 00:10:55:00 / FOLEY We interviewed people in the former Yugoslavia that were able to remember people in their families back for 15 generations because they can remember them in poetry they can remember them in code speech in oral tradition and that could be transfered to the next person 00:11:11:13 / ZULAIKA SAN FRANZISKON ON Esan ohi da poema homerikoetaz, bere funtzioa zan jakintza modu bat transmititzea belaunaldiz-belaunaldi. Orduan bertso horiek ziren nolabait memoria gordetzeko modu bat, ziren orduko softwarrak eta zentzu horretan, izan du paper memoristikoa hori dudarik gabe 00:11:46:00 /OFF AHOTSA Euskaldunak Pirineoen alde bietan saltoka eta dantzan bizi diren herria dela idatzi zuen Volterrek XVIII. mendean. Eta oraindik ere badira dantzan jarraitzen dutenak. Euskaldunak haien kultura adierazpen bereziengatik dira ezagun. Wilhem Humboldtek, antropologo alemanak, euskaldunetaz haien ohiturak jatorrian ziren bezain sinple mantendu direla idatzi zuen XIX. mendean. Ohitura bitxi hauek ia denak indar erakustaldiak dira eta gaur egunean, bizirik daude oraindik. Hortik datorkio euskaldunari indartsuaren fama. Oso jende gutxik daki ordea, euskaldunek betidanik, izan dutela poesiarako joera. Hain zuzen ere, jende aurrean bertsoak improbisatu eta abesteko ohitura. 00:12:47:10 / ANDONI EGAÑA OFF, URBIARA JOATEN Ni saiatzen naiz jendearengan asko hurbiltzen, berdinetik berdinera tratatzen edozein. Asko nekatzen delako baino asko ikasten delako baita ere. Urbiara baldin bazoaz pentsatuz, joe! gaur beste denek jai dute eta nik hemen pasa behar eguna, seguru aski ez duzu ongi pasako, ez duzu bertsotan ondo egingo, bazkaria luzea gertatuko zaizu. Eta aldiz, baldin bazoaz Urbiara pentsatuz, jo! ze pribilegio daukadan, nik hemengo artzaiekin aurrez-aurre hitz egin dezaket, egingo dizkiet galderak, jakingo ditut beraien kontuak, beraiek egingo dizkiate galderak, erantzungo dizkiet. Jarrera horrekin baldiz bazuaz, jo!, eguna ondo pasako duzu eta bueltakoan esango duzu: kontxo! gaur ere ikasi diat zerbait. Eta horrek ere alimentatzen zaitu gero bertsotarako. 00:13:39:12 / URBIAKO BERTSOA – PEÑAGARIKANO – BILBOKO BIDAIA Bidai aldi bat Bilbo aldera Eta ez zitzaion gustatu Hilabetian irabazia Ordu erdian gastatu 00:13:58:00 / FOLEY - OFF / ON Last time I was here in the Basque Country I was able to go to a “bertso” dinner so I saw another aspect of things, and this is a very interesting part of the oral tradition here it occuers in very different social settings 00:14:46:00 / FOLEY - OFF Not just in the championship final, but in everyday life of real people where it becomes an important thing for people to do when they get together. One of the features of oral tradition that interes t me the most is the way this image of oral tradition serves as a group identity a marker for a group identity, it bines people together, doesn´t ---------- they apart it bines then together 00:15:10:08 / SAGARDOTEGIAN Sagardo ona izan ezkero Ezerk ez dio inporta (BIS) Sagardo ona izan ezkero Batzuk konforme guztira. 00:15:42:01 / JON SARASUA ON Bertsotan egin, ezta? Eta bertso saioaren ondoren txukun ibili behar zara bereziki sentitzen duzun euforia hori, ezta? Iturriagak kantu batean esaten zuen… ez dakit…. Jainko txiki bat sentitzen zarela kotzean sartu eta etxera zoazenean, ezta? Badago holako zerbait. Plazer handia dela iruditzen zait sentitzea sortu duzula zerbait, jarri zarela amildegi txiki baten aurrean eta ez zarela erori, sortu duzula, komunikatu duzula eta etxera zoazela. Izugarria da. 00:16:26:15 / ANDONI EGAÑA ON Kalkulatzen dut ba joan den 25 urtean egingo nitula ba… 3.500 saiotik 4.000 bitartean. Eta horrek esan nahi du gutxi gora behera, hamaika urtean egunero egunero kantatu dudala, ezta? 00:16:53:12 / JOXE AGIRRE ETA MIREN AMURIZA BERTSOTAN Gogo handi baldin badezu Egin zazi lan pilua Eta bazterrei eman zaiezu Zeuk daukazun brilua (BIS) 00:17:20:00 / ANDONI EGAÑA OFF Bertsolariok daukagun harremana intergenerazionala da eta oso ofizio gutxitan ikus daiteke 80 urteko pertsona bat, Joxe Agirreren moduan, eta 19ko bat, Miren Amuriza, elkarrekin kotxean joaten jaialdi batera. Eta hor ikaragarri ikasten du larogeikoak eta ikaragarri ikasten du hemeretzikoak. 00:17:41:10 / JON SARASUA ON Hori da beste gauza inportante bat, ze transmisizio zen, egon den, bertsolarien artean ere, ez bakarrik, mugimenduak eduki duela belaunaldi berrieta transmititzeko sena, baizik eta bertsolarien artean ere. Nik jaso dudala nire aurreko belaunaldiarengandik, jaso ditudala animoak, jaso dudala erakusteko gogoa, eta jaso dudala baita ere beraien artean onarpena, onartua izateko irekiruda hori neretzat kriston eskola izan da. AZPEITIKO HAMAIKETAKOA 00:18:18:20 / XABIER AMURIZA Gauza haiek orduan zuzenean ulertuko balituzte, bueno ba fusilatuko zituzten danak. Azpillagak ere Zerainen kantatu zuen bertsoa, orain egon naiz pentsatzen. Francok inauguratu zuen Gasteizko katedrala eta biaramunean saio bat zeukaten ba Zerainen eta orduan Azpillagak bertso hauxek kantu zuen sano-sano: 00:18:43:18 / XABIER AMURIZA Franco zahar hori zan lehenengo Ministro danak atzian Kanonigua sartu zan gero Jesukristoren jantzian Jesus zerutik etorriko balitz Eta eliza sartzian Danak ostikoz botako zitun Jerusalengo antzian 00:19:04:04 / BESTE BERTSOLARIYA Ordura arte, ikuilu eta baseritarako zan bertsolaritza. 60ko hamarkada hortan hasi huan kaleko langileei eta kaleko jendeari ere bere arazo sozialak eta politikoak esaten. 00:19:21:05 / ANOETAKO BERTSOA Vietnam aldera Hortxe ari da Bazter guztiak apurtzen Orain Arabia Eta Israel Odol beroz estaldutzen Aita Santuak pake santu bat Besterik ez du eskatzen 00:20:01:20 / BESTE BERTSOLARIYA Leheno baserriko txorradak esaten ibiltzen ziranak hitun tabernako moxkor batzuk ziren eta hola 60. hamarkada hortan, ostra!, hemen zeozer bazeok!… Eta orduan hasi huan bertsolaritza pixkat kalea hartzen eta eskerrak kalea hartzen joan dan bertsolaritza bestela baserriak pikutara joan dituk eta hoiekin batera ere joango hintuan bertsolaritza ere. 00:20:26:04 / AMURIZA ELKARRIZKETAN Franquismoaren garain bertsolaritza gorakada ikaragarri izan zuen batez ere bertsolaritza sozialak eta politikoak. Orduan hor, kontra esan bitxi bat gertatzen da. Nola izan daiteke gorakada hori hain zuzen, franquismoaren barruan? Eta nola, ahin zuzen, bertsolaritza politikoa nolabait? Politikoa esatean ba, horixe ba, kritikatzea bai franquismoa bera, bai egoera bera, eta baita halako alde erreinbindikatiboa edo eskubideen aldarrikapen ere, nola gertatu daiteke franquismon? Ba arrazoia sinple-sinplea da. Franquismoak ez zekien euskararik. 00:21:29:08 / MAIALEN ON TABAKALERAN Bertsoaren lurra da, dudarik gabe, euskeraren lurra, ezta? Nik uste, erabat dagoela bertsolaria lurra hori lotua. Bere lurrari, bere hizkuntzaren lurrari, bere erabat erroak dauzkala barneratuta. 00:21:44:09 / JON SARASUA ON Arazo esistentzial bat daukan hizkuntza komunitate bateko partaide garela. Askotan euskararen arazoa ikusten da edo gatazka armatu moduan edo gatazka politiko moduan baina, nik uste, geure arazoaren azken muina, arazo esistentzial kolektibo bat dela. Nik uste, gaur egungo kultur inperioen eta mundu globalizatuaren egoera honetan euskara nekez txertatzen dela. Eta euskararen desafioa dela beste hizkuntza minorizatu askoren desafioa, herri indigenen desafioa eta beste paradigma ekologikoago baten desafioa. Hor dago. 00:22:48:02 / BEC-EKO TXAPELKETAN - GAI-JARTZAILEA Mailen Lujanbio! Hauxe hitza Maialen. Bederatziko txikian bertsoa osatzeko: SUA. SUA da, bederatziko txikian, bertsoa osatzeko hitza. 00:23:30:06 / MAIALEN BERTSOTAN. SUA Hura asmakisuna Homo Habilisena bazun intentzioa, bazun sena Bi harri elkar joka Txispa aurrena Asmakizun handina Mendetan barrena Sua da problema Zenbait basorena Edo jaki dena berotzen duena Eta bi gebiradek sortzen dutena (BIS) 00:24:48:15 / MAIALEN ON TABAKALERAN Historian, emakumeen historia galdu egiten da beti baino, jakin badakigu 1452 ko Bizkaiko Foruetan aipamen bat egiten delako orduan ere bazirela emakume bertsolariak edo profazadorak esaten zitzaienak. Profazadorak nonbait ziren pixka bat hiletetan, eta jaiotze ospakizunetan, ezkontzetan, holako festetan kantatzen zuten emakumeak. Bestelako kulturetan ere ezagunak dira plañiderak, etabar… Orduan Bizkaiko Foru horrek aipatzen du galerazten zaiela emakume profazadora horiei kantatzea eta 1.000 marabediko isuna jarriko zaiola horrela kantatzen harrapatzen danari. Beraz, ba bueno, kurioski, emakume bertsolaria lehenengo aipamena prohibizio baten bidez daukagu, ezta? 00:25:48:08 / MAIALEN ETA EGAÑA SAN FRANTZISKON MAIALEN Etxe asko eta askotan esaten dute ba… gure etxean bertsotan oso ona zan ba izeba, edo ama, edo amona ANDONI Bai baina plazara ez ziran irtetzen MAIALEN Plazara? Noski ez! Plazara ba bueno arrazoi sozialengatik edo kulturalengatik ez ANDONI Garrantsitzua zera da emakumeen papera transmisioan. Auskalo zenbat bertsolari egin den bertsolari txikitatik etxean kontu hoiek, kanta hoiek bertso hoeik entzun dituelako, ezta? Gure amonak kantatzen zuen baina etzean, plazan ez du izan lekurik MAIALEN Neronek holako gauzak aitu ditut, ez? Ba… gizonezkoak esaten ba ez direla sekula ohituko emakume bat kantatzen ikustea. Entzun det. ANDONI Oraindik ere? Oraindik ere? MAIALEN Hori nahiko suabia da. Guk topea aitu diguna izan da: bueno neska izateko ondo egiten dek. Gero ondo egiten dek hori pasa arte, neska izateko hori, eroi zitzaiena arte, puska pasa da, ezta? Nik uste oraindik ere heldunei eta kostatzen zaiela Errekonozitzea alegia baloratzea, baino ez bertsotan bakarrik, emakumea jende aurrean egiten duen edozer gauzari bere balorea ematea. 00:27:11:13 / ANDONI EGAÑA ON ETXEAN Guk 28 urte eta Maialenek 15 zeuzkan garaian edo guk 30 eta Maialenek 15, Maialen ya bazan berstolari bat 15-16 urtekin Sebastian Lizaso eta nerekin etorri eta beno, aurrea egiten ziguna. Baina jendeak onartz dezan erabiltzen zuen esaldia zan: eh!, neska honek potruak kizkik! Eta gu bueno nola, nola? Neska honek potruak hizkik? Zirrikitu hortatik egin zuen lehenengo Maialenek baino gero bera jabetu zen, eta hori sekulako meritua zan, berak jabetu zan, eta oso azkar gainera, egin nahi zuena ez zela hori eta joan zen bere ikuspegi propioa, emakume ikuspegia eta pertsona ikuspegia propioa lantzen. Eta pixkanaka-pixkanaka iritsi da ba bueno, hain ikuspegi fina eta afinatua izatera ba beno, gozamen bat dela gaur egun entzutea, ezta? 00:28:16:18 / MAIALEN TABAKALERAN Garai baten emakumerik ez zan ikusten plazan, gaur egun ikusten dira. Hor salto haundi bat egin da dudarik gabe, beharbada, saltorik bortitzena, ezta? Baina nik uste bertsoetan oraindik ez dugula lortu naturaltasunez eta lasaitasunez emakumearen mundu intimoa azaltzen, ez? Bueno badaude gai batzuk oraindik tabuak direnak gizartean, asko kostatzen zaigunak aipatzea eta geroni ere, inkomodo sentitzen geranak, ba gizartean prestigiorik izan ez duten gaiak direlako. Kosta egiten zaigu humorea egitea emakumeari buruz; bere munduari buruz, bere jarrerari buruz, bere janzkerari buruz. Gizonekiko lasai egiten degun humore mota bat, ezta? Ta humorea ukatzen zaion pertsonari, ba benetan motz gelditzen den pertsona da, ez? 00:29:07:15 / IPARRALDEKO BERTSO ESKOLA MAIXUA -erarekin emanen ditut, emanen dut –era bukaera duten oinak bota behar dituzue, bai ados?, beti bezala, txandaka. IKASLEA 1 Bukaera MAIXUA Ados IKASLEA 2 Aldera IKASLEA 3 Manera IKASLEA 4 Joera IKASLEA 5 Platera IKASLEA 6 Hasiera IKASLEA 7 Galdera IKASLEA 8 Janzkera 00:29:27:10 / BERSTOA Egun batian itzuli naiz ni bai etxera Eta amak erran dit sortu da arreba Eta hor zegoen ondoan bai nere izeba Berehala prestatu dut beretzat pultsera DENAK Berehala prestatu dut beretzat pultsera 00:29:52:02 / AZPEITIKO HAMAIKETAKUA BERTSOLARIYA Gure bertso eskolak hituan leno tabernak eta erromeriak etabar eta guk gutxi gora behera jakiten ginan harea zein bertsolari jungo zian. Eta erromerian ibili eta neska bati lagundi edo lagundu gabe, aste guztian hari begira jarduten ginan bere gimnasiya eiten ari bertsotan. Guk ere bertsotan egin gabe jai batian etxea jutia izaten huan jai tristia gutzako 00:30:19:12 / FERMIN MUGURUZA Gaztetan neretzako oso arrotza zen bertsolaritza. Ez zitzaidan batere erakargarri egiten mundu hori, oso mundu zaharra egiten zitzaidan eta ni mundu berri baten bila nindoan. Raparen disko askotan, ba B-aldean, batez ere maxisingeletan, biniloetan, egoten ziren ere…zera, ez!… instrumentalak egoten ziren, zu zeuk ere improbisatzeko edo abesteko horren gainean. Orduan esan nuen, jo! hemen raperoak badaukagu ondoan eta guk konturatu gabe. Eta hoiek bertsolariak dira. 00:30:58:17 / BERTSO SAIOA. PEÑAGARIKANO ETA EGAÑA GAI-JARTZAILEA Peñagarikanok gaur ehundoko parranda bota du edo zuk, Peñagarikano, bota duzu. Eta etxera etortzean, emaztearen ohean sartu ordez, Egaña amonaren ohean sartu zara. FERMIN MUGURUZA Hasi nintzan pixka bat jolasean, nik sartzen base erritmoak, instrumnentalak eta gero nahazten ere bertsolariekin. GAI JARTZAILEA OFF Gaur ehundoko parranda bota du edo zuk, Peñagarikano, bota duzu. Eta etxera etortzean, emaztearen ohean sartu ordez, Egaña amonaren ohean sartu zara. 00:31:34:00 / ANDONI EGAÑA ON Batetikan korroska Bestetik herrena Ohia okupatu du Hori da txarrena NEGU GORRIAK Ez da pinta kabala Honek dakarrena Kantzontzilorik gabe Ohean barrena Pixkat gutxigo edan Ezazu hurrena (BIS) DENAK Pixkat gutxigo edan Ezazu hurrena NEGU GORRIAK - FERMIN Gaur parrada jota ke Hor dabil gizona Leno pasilotik eta Gero komunera Uste nuen Zu zinan nere moñoña Laztatzen hasi naiz ta Hau ezta horren ona FERMIN ELKARRIZKETAN Tradizioa eten gabeko mugimenduan egon behar du. Behin gelditu ezkero, geldituta geratzen delako betikoz. Eta horrek daukan arriskua da desagertzeko NEGU GORRIAK DENAK Ez naiz etorriko amona edanda (BIS) 00:32:45:15 / RAI KONTALARIYA Libanoko mendietan galdutako herri txiki batian bizitu izan zan gazte bat bertsoa improbisatzaile izan nahi zuna. Laguntza eske herri hortan bizi zen maisu zahar jakintsu batengana jun tzan. - Maisua, bertso improbisatzaile on bat izan nahiko nuke, zer da egin behar dudana? Maisuak hala erantzun zion: - zoaz mendi atzekaldean dagoen herrira eta hango bertso guztiak ikasi itzazu. Ta denborarik galdu gabe, gure gaztea abiatu zan bideetan, ibili eta ibili, luze ibili. Mendiak zeharkatu, mendien ustekaldean, itsas ertzian, herriya. Herritikan gertu zegola, haizeak ekarri zizkion herri hartatikan lehenengo bertsoak. Eta herria zeharkatzen zijoanian, harrietan, harri pausoetan, idatziak bertsoak. Zeharkatu zuen herriya eta iriki zan noiz bait hondartzara, eta han, parez-pare itsasoa, eta itsaso olatuetan, olatuak osatutako lerroetan, etengabe, bertsoak. Eta gure gazteak zer egin, haiek den- denak ikasten hasi zen, bertsoz- bertso, errimaz-errima, zazpi urte egin arte. Eta dan danak ikasi zituenian, atzera berriro bere herrira itzuli zan. Eta zuzen-zuzen, maisu jakintsuaren etxera jun, eta han aurkitu zuen patiuan, magnolio zuhaitzaren azpian, isilik, otoitzian. Esan zion: -jada bertsolaria al naiz? Eta maisuak erantzun: - ez, orain, ikasitako guztiak, ahaztu egin behar dituzu. Eta bakar bakarrik ahaztutzen dituzunian izango zara bertsolarietan bertsolari. 00:35:30:00 / MAIALEN AIAKO HARRIAN PASIAN Guk badaukagu almazen bat, badaukagu memoria, memoria kolektibo bat ere eta bertso memoria bat. Entzuten ditugu, ikusten ditugu gauza pilo bat, iritsi pilo bat irakurtzen ditugu, eta beharbada hoiek dira buruan lehen planoan dauzkagunak ezta? Berriki entzundakoak, berriki irakurritakoak, ikasitako bertsoak, eta hoiek dira derrepente, azkarren ateratzen dianak. Eta bertsokera pertsonalago bat egiteko inertzia hoiek denak detektatu eta frenatu egin behar dira eta benetan hoien artean leku egin, garbitu bide hori eta benetan zuk esan nahi dezun hori bilatu. 00:36:06:20 / MAIALEN TABAKALERAN ON Gaur egungo bertsolaritzaren beste ezaugarri interesantenetakoak, ez?, oso lurrari errotuta egonagatik, oso gauregunari eta munduari irikia dagoela. Eta benetan behar bada, superbibentzia instinto bategatik ausartzen geala probatzen, bestelako disziplinekin nahasten...bertso formak bilatzen, bestelako espresio moduak, bestelako doinukerak. Lengoa galdu gabe baino berriakin konbinatuta. ORNITURRINKUS TITIRETOAK 00:37:05:16 / ANDONI EGAÑA off Nik uste dut badagola bertsolaritzan ere, halako zabaldu nahi bat beste esparruekin batera lan egitekoa eta uste dut interesantea dela. Beste sortzaileengana hurbildu egiten gaitu eta beste sortzaile hurbiltzen ditu guregana. 00:37:21:18 / ANDER LIPUS on Gogoratzen naz bere garaixen Payatarrekin eta konbersasinu bat eta: Andoni Egaña, bertso mundun, zer da? Eta ordun neuri esaten ziztien: Jaingoikue!!! Ezta? Jaingoikue da!!!. Eta orduan, nik esan duzten, ba ni bufoi madarikatu bat baino besterik ez naiz, ba ordun jaingoikuan kontra zeoze einbiko da ezta? Eta ideia hortatik atea, urte jaten, ‘Erregea eta bufoia’ eitsie. 00:37:46:15 / ANDER LIPUS BERTSOTAN MAIAKIN Bagoaz Pirineotan barna… JON MAIA Zergaitik ikutzen duzu Beti txoritxoa ANDER LIPUS Hori da nire bala, nire kartutxoa 00:38:14:10 / ANDERN LIPUS ELKARRIZKETA Azken baten, improbisetan hasteko, zuk oso ondo menperau bizu, eskema bat euki biozu. Bertsolarixek heuren eskemak dauzkixe eta nik asmatu behar izan dabaz beste neretzako eskema batzuk: personajian gorpuzkeriek, zelan eiten den berba, ze ahots tono dauken, ze gaiekin ondo moldatzen dan eta zein dan bere ikuspuntu. Eta ordun, lan da lan egin da gero, oso argi daukazunian personaje hori, hasi laikeza improbisetan, ezta? 00:38:51:20 / ANDONI EGAÑA PLAYAN Konturatu ginen ‘performance’ bat zela, bertsolariok beti usadioz, duela ehundaka urtetatik egin izan duguna. Normalean edozein arte motatan sormen momentua bat izaten da eta erakuste momentua beste bat. Baina bertsolariak alde hortatik, ez genekien baina performancegileak gara. Beti koinziditzen du sortzen dugun momentua eta jendeak gure sormena entzuten duena. 00:39:15:10 / BERTSOA ANDONI PLAYAN Ilunabarra Heldu da Etorri naiz Ohi dudan modura Paraje honek neretzat Badu bere lilura 00:39:57:18 / FOLEY IMPROVISACIÓN, COMO EN EL JAZZ 00:40:16:14 / ALEXIS En ningún espectáculo logras esta especie de electricidad que existe con la improvisación. El poeta imrpovisador hace que el espectador asista a la génesis de la creación, es el único arte en el que esto ocurre. Un escritor entrega el libro hecho pero esconde los manuscritos, los destroza, los rompe. Nadie ve ensayar entre bambalinas a un bailarín. 00:40:39:24 / JON SARASUA ON Bertsoa da une bat eta tack! momentu hortan sortzen dana, pasa da, bukatu da. Ez da inoiz errepikatuko. 00:40:54:21 / FOLEY OFF SLAM PROETRY 00:41:10:05 / ANDONI EGAÑA OFF Konturatzen zara adibidez, munduan zehar improbisadore gehien- gehienek guk bezalaxe, improbisatzen ari direnean, beraien bertsoaren edo, apaldiaren edo koplaren, dena delakoaren bukaera pentsatzen dutela eta hasiera-hasieratik guk bezala. Eta esaten dezu, aiba mundu zabalean, eta hainbat kultura eta hainbat mila urtetako kulturatan ahozkotasunean berdin funtzionatzen zen? Orduan ez genbiltzan hain oker, ez gea hain bereziak, eta hain arraruak, ezta? 00:41:39:20 / JON SARASUA Guk kanpoko improbisatzaileak ezagutzen eta beaiekin trukean oso berandu hasi ginan, ezta? Hasieran nolabait hemen zegoen pentsamendua zan hau Euskal Herrian bakarrik gertatzen zala eta oso gauza berezia zala munduan, eta ez geneukala parekorik, etabar. Eta gero egin genuen apropos irekidura bat, esan gendun ba guazen ba, beste jende bat dago, guazen ezagutzera, guazen esperientziak trukatzera. 00:42:06:18 / KUBATAR BERTSOA. ALEXIS Por ver que a cada momento el placer limitar Es lo mismo que intentar poner puertas al cielo 00:42:20:12 / JON SARASUA Eta esaten ziguten miresmenez: - ezke zuena ez du musikarik! Bestetik, geldirik zaudete! Eskuak atzean dituzue! Gogoratzen naiz batek esan zidala, badakizu zergaitik ez daukazuen musikarik, mugimendurik? Eta berak, esan zidan: -ez duzuelako behar. 00:43:26:12 Bertsoa zerbait baldin bada da soiltasuna, zumetasuna, da soila, ez dauka adornorik, ez dauka jantzirik, ez dauka musika instrumenturik. Da sortzailea, bera bakarrik, biluzirik, entzulearen aurrean, eta momentu hortan sortzen dan inspirazioa. 00:43:59:03 / ZULAIKA Ez dauka inolako gauza espektakularrik, ez dauka inolako tramoiarik, da bere gorputz biluzik, bere aho biluziarekin eta biluztasun horrek ematen dio, ez edukitze horrek ematen dio inolako poderioa neretzako bertosolariaren hitzari. 00:44:18:10 / MAIALEN OFF - OTEIZAREN ESKULTUREN GAINETIK Nik uste, bertsogintza eta bertsolaritza fenomeno bezela nahiko benetan ulertzen zaia dela gaur egungo gizartean, espektakularidadearen gizartean, dena argiztapen bereziz, dena mugimendua, denak imaginak gizartean bertsolarigintzan bezelako jaurdun austeroa. Mikrofono bat bakarrik daukana, batzuetan hori ere ez eta oso ‘performance’ soila dana. Zer daukan horrek arrakasta hori lortzeko? Bueno behar bada, hori bera, soiltasun hori, austeridade hori eta pixka bat ere gaur egungo gizarte joerekin kontra puntoan, nik uste, hor irabazten duela bere balioa. 00:45:00:08 / MAIALEN BERTSOTAN TABAKALERAKO SAIOAN Isiltasun bat hain magikoa Gure burutan barrena Hitza bakarrik gertatzen da ta Hitz hortan dago den-dena Bertsolaritzak isla dezake Proberbio txinatarrena Isiltasuna ez apurtzea Hori da arau lehena Ez baldinbada isiltasuna Ederragotzen duena (bis) 00:46:12:00 / TABAKALERAKO SAIOAN GAI-JARTZAILEA Andoni. Isiltasuna, isiltasuna 00:46:47:11 / MAIALEN OFF (TABAKALERA) IRUDIEN GAINETIK Konsziente zara isiltasunaren denbora hortaz, eta bertsoa pentsatzeko denbora noiz den aski, noiz den gehiegi, askotan ezintasunean baldin bazabiltza, borrokan, barne borrokan, ezin bertso tolestuz, esku lanetan bezela gauzak hitzak kabi arazi nahian eta ezin kabituz, konsziente zea denbora horren loditasunaz eta tensioaz. Isiltasun horren tensioak agintzen du noiz hasi. Gehiago jasan ezin duenenan bertsolaria isilik eta kontextuak ere eskatzen duenenan bada garaia hasteko eta ezin dezu gehiago jasan zure burua isilik eta jendeak ere eskatzen du. Hasi eta hasi beharra daukazulako, nundik hasi ere ez dakizu, beharbada bai nora zuazen baina ez nondik hasi. Dena, poro guztiak eta belarriak eta dena itxi egiten duzula zure baitan hurbiltzen zerala konzentrazio maila harrigarri bat lortzeko, ez dezu jenderik ikusten, zure bertsoan bakarrik zaudela eta igual, da hori sentsumen guztiak blokeatu eta buru barrenen mugilduta lortzen den gauza bat, ezta? 00:48:36:04 / UNAI ITURRIAGAK BERTSOTAN AMILDEGIA Amildegi bat zeure oinetan Bertso berri bakoitzean Handiagoa, sakonagoa Den uste hori lantzean Inoiz sentitu arazten zaitu Bazeunde legez etxean Inoiz pentsatu izan duzuna Zer ote da erortzean Eta berriro plazara joan ta Bihotzetik kantatzean Salto egiteko gogo horrexek Mantentzen zaitu ertzean 00:50:29:08 / JON SARASUA ON Nik uste erakargarritasuna baldin badu dela, ikusten delako zerbait benetakoa gertatzen ari dela hor. Jendeak somatzen duelako amildegian eta arrisku baten aurrean egindako hitzak direla eta gainera, uzten dugu gure burua amildegira hurbiltzen badakigulako amildegi hortan bi gauza gertatuko direla: sortu egingo dugula eta gainera amildegi horretan entzunleak ere emozioa ere sentitzen duela gurekin batera. 00:51:14:12 / ZULAIKA OFF Nik uste entzuleak berak ere bere buruan hasten dala pentsatzen nik egoera horretan zer esango nuke, zer pentsatuko nuke, orduan bera hasten da bere barruan horrei erantzuna ematen. Entzuten dio bertsolariari eta ikusten du bertolariaren forma hori zenbateraino dan aberatsago, zenbateraino den ederragoa, zenbateraino den artistikoagoa eta orduan, nolabait bertsolariakin identifikaturik dagoen entzuleak hantxe gozamen hori izaten du ze bertsolariaren hitza ere bere hitz bihurtzen da. Komunidadearen ahotsa dala azkenean. 00:51:58:18 / JON SARASUA OFF Bertsoaren kasuan ‘feedback’-a oso berezia da beste arte sorkuntza, nik esango nuke, ia denetan baino askoz handiagoa. Bertsolariak ezin du sortu entzunlearen begirik gabe, entzunlearen konflizidade sakoneko hori gabe. 00:52:14:04 / BERTSO BAT IKUSLE BATEN IRUDI GAINEAN …Ilusioak zabalduko du Gu jarraitzeko bidea… 00:52:26:08 / ALEXIS GARCIA ON El público es casi un coautor del poema, con el silencio, con los aplausos, con las risas, con los abucheos, con cualquier cosa que el público haga está condicionando la creación posterior del poeta. 00:52:38:13 / XALBADOR BERTSOTAN …Errua ez daukat ez ni Txistu... 00:53:06:10 / ANDONI Bertsolariek askotan esan dugu funambulista tankera daukagula, publikoari ere gustatzen zaio bertsolariari ikusten alanbrearen gainean eroriko den, ez den eroriko, nola iristen den hasieratik bukaeraraino. 00:53:22:13 / JON SARASUA Nik uste aldi berean bertigoak bera laguntzen diola sorkuntzari. Bertigoak aktibatzen duela, baduela zerbait, gure barruan sormena aktibatzen duena. 00:55:13:00 / BCBLko irudien gainetik FOLEY … aprender de la bertsolaritza…. 00:55:45:18 / ANDONI BCBL-en BERTSOTANA MAKINA BARRUAN GAI JARTZAILEA Kasu honetan kopla bat egin beharko zuzu eta pantailan agertzen zaizun gaia erabili behar duzu 00:55:58:15 / BERTSOA Makina hontan egote hori Neretzako zan tristea Aukera aukeran nahiago nuke Zeure ondotik pastea 00:56:09:21 / BCBL-ko ARDURADUNA Yo creo que ellos almacenan o acceden a la información de forma distinta y entonces, eso puede ser una ventana para poder entender cómo realmente almacenamos la información y si la información puede almacenarse de forma diferente y qué consecuencias tienen eso para el cerebro Contamos con la colaboración de 15-17 bertsolaris de primer nivel, cada uno de los bertsolaris va a venir unas 4 veces al laboratorio y una vez que tengamos esa información, eso hay que procesarlo mediante programas de computación complejos. Esperamos en aproximadamente un año tener más información que hoy sobre estas cuestiones. A lo mejor nos encontramos con una respuesta pero lo más probable es que nos encontremos con una nueva pregunta que sea más interesante y esa es la belleza de la investigación. 00:57:07:18 / ANDONI BCBLko ARDURADUNAREKIN En eso la ciencia y el bertsolarismo sí que tienen algo que ver, no? Si supieramos lo que va a suceder no sería investigación BCBL-ko ARDURADUNA Exactamente! ANDONI BCBLko ARDURADUNAREKIN y si supiéramos lo que vamos a cantar tampoco sería improvisación. 00:57:19:18 / JON SARASUA Neri iruditzen zait sormenak askotan kolpeka funtzionatzen duela baita idazten ari zarenean ere. Kolpe bat izaten da , intuizio momentu bat izaten da. Eta bertsotan egiten duguna da sormen kolpe hori, intuizio hori, jende aurrean bilatu, sortzen ari zaren momenttua berean bilatu eta gero ya joan da, beste aukerarik ez dakauzu. 00:57:46:15 / MAIALEN PASIATZEN Askotan ezin da esan nahi dena, eta hori bertsolariaren borroka da beti, nahi duena esatera iristea eta ez ahal duena esatera, baizik nahi duena esatera. Baino askotan hitzek esaten dute, edo erritmek esaten dute, benetan zuk esan nahi izan ez dezuna. Edo kabitu ez zaizun eta aldatu duzun esamolde batek ez du oso garbi uzten esan nahi zenuena baizik beste zerbait sugeritu dezake. Eta hori mingarria da bertzolariarentzat. 00:58:16:00 / JON SARASUA Improbisazioak bere mugak ditu, sorkuntzarako bere mugak ditu eta, aldi berean, bere potentziala dauka arte sorkuntza barruan eta zehazki geurea dala, kantu improbisatuak, kantu improbisazio biluziak, ba uste dut, dituela potentzial batzuk beste batzuk ez dituztenak eta, aldi berean, oso muga zurrunak ere bai, ezta? 00:58:42:00 / MAIALEN Bertsolaritza bapatean gertatzen dela baina ez dela bapatekoa. Atzean lana haundia daukala eta benetan plazan ateratzen den hori, bapatean ateratzen den hori, aurretik mamitutako hainbeste gauzaren emaitza dela, ezta? 00:58:56:03 / ANDONI EGAÑA ON MARGARITA Nik egiten dudana da margarita moduko bat eta erdiko gunean jartzen ditut beti erabil ditzakedan hitzak edozein testu ingurutan eta adibidez, hor sartuko nuke: mina, egina, ezina eta bagina eta hoiek hor edukita badakit edozein momentutan, bertsoaren bukaera aldera ere, ondo etorriko direla eta hor badakit atseginarekin batera: fina, arina. Gero kanpotik datozen hitzak sartuko nituzke, eta hor badaude dexente ia: piercina, footina… Beste petalo bat aterako nuke minarekin asko daudelako: sumina, samina… Beste petalo bat aterako nuke oso adjetibo markatuekin: latina, dakina, makina… 00:59:55:18 / ANDONI BERTSOTAN MARGARITARENA Krisialdiko gure bizitza Ez al da erdi puentina eta hitz hau mentalki borratuta daukat langabezian lagunak daukat makina eta makina Ez da edozein gaur egunean Bizitzen soilik dakina Egoera hau ez da erraza Eta ezta atsegina Liberalistek beti izan dute Dena sukutzeko grina Baina nahi eta ezina Iritse zaie jakina Hauxe da hauxe bizi nahia Ta bizi izateko mina Nahiago nuke gure kuadrilan Denok aberats bagina 01:00:50:18 / ANDONI ETXEAN ON Badaukagu gure doinuak, badaukagu gure neurriak, gure metrikak, badaukagu esan nahi duguna baina badago bertsoa egiteko modu bat, eta egiteko modua da bukaera pentsatzea. Berstolariok pentsatzen dugu bukaeran esan behar duguna, hori da pentsatzen duguna eta bukaeran esan behar dugun hortatik eraikitzen dugu bertsoa. Gertatzen dena da entzulearentzat kontrako prozesua dela. Entzunlea hasten da hasieratik bertsoa entzuten eta ez daki bertsolariak nora daraman, berstolaria bai, bertsolaria badaki entzunlea nora daraman eta berak nora iritsi nahi duen hain zuzen aldez aurretik pentsatu duen puntu hortaraxe. Atzekoz aurrera egiten dugu beraz. 01:02:56:15 / ZULAIKA ON OFF PLAYA La técnica del auténtico bertsolari es desandar con claridad, poco a poco, y de aquí y de alla, ese camino en el que se fueron oscureciendo los sucesos pasados con su realidad y sus ideas. La técnica del bertsolari es que está delante de todos y desaparece en su realidad interior. Es como si dejase a la gente que le escucha en la playa y él fuese retrocediendo de espaldas al mar y fuera sumergiéndose hasta desaparecer… Y sumergido del todo nos hablase con ese ritmo del mar que llega con las olas a la playa. 01:05:20:17 / BEC- ANDONI OFF Azken boladan, orain txapelketaren bezperan gauden hontan, igual konturatu naiz, ba gehien molestatzen nauena kalean dela, jendeak esatea: eh egaña txapeldun!, bigarren apelido hori, txapeldun hori, ya pisutsu xamar gertatzen da. Badakit Andoni Egaña Makazaga naizela ez Egaña txapeldun. Urrian hasi nintzen bertsolaritzan txapelketa zela pixka bat zentratzen, eta bueno, forma puntu ona hartu nuen urrian bukaerarako eta pentsatu nuen ez nadin gehiegi entrenatu. Pentsatu nuen fresko joango naiz aurten. 01:06:10:18 / MAIALEN ON Prestatu , nik uste, eserita bai koadernoko lana badala, nik uste inportantena nere kasuan behintzat, ez zutik baizik oinez egiten dala. Eta hor pentsatzen diren gauzak edo hartzen diren erabakiak dira jarrerari dagozkionak, begiradari, ze tipotako bertsokera egin nahi duzun eta nun kolokatzen zeran bertsoarekiko, eta bertsoaren bidez munduarekiko edo proposatzen zaizkizun gaiekiko. 01:06:45:18 / ANDONI Txapelketa aurreko garaian bihurtzen gara belaki, inguruko dena xurkatzen dugulako. Eta bele ere bai besteen ideak aipa genetzakelako. Eta bele eta belakitasun horretan bakoitzak dauzka bere metoduak, baina esango nuke oso erne egotean datzala sekretua. 01:07:09:18 / MAIALEN Ez da erraza asmatzen nola ondo egon bertsotarako. Eta noiz ez zauden argi eta noiz zauden lanbro. Beharbada egun batean oso saio ona egin duzu, oso ondo sentitu zea eta hurengoan egunean pauta berdinak errpikatzen dituzu saioaren aurretik egiten duzu lehen egindako gauza bera baina ez zaude berdin, burua ez dago berdin. 01:07:31:10 / ANDONI ON ETXEAN Txapelketa hau berezia da neretzat ere. Ba bueno, 7. finala, 4 txapel baditut lehendik, eta egia esan, ez dit ilusio ikarragarririk egiten irabazteak edo txapela janzteak, 5ak, emozionalki nik uste dut, iluntzeko zortzitan, datorren igandean, gehiago emozionatuko nintzakela ta poztu lagunen batek irabaziko balu nik irabaziko banu baino. Badakit ez dela lehiara joateko jarrera baina bueno espero dut han eguna hasi, ondo sentitu eta lehiakorra izatea. 01:08:32:17 / JON SARASUA Ez diot inoiz sentzurik bilatu beste idazle batekin lehiatzeari, ea norena den nobela hobea, edo bi kantautore elkarrekin lehiatzen txapelketa batean. Beste kontu bat da, bertsolaritza gaur egun mugimendua dela, hizkuntza minorizatu batean gaudela, eta gaur egun, bertsolaritzaren nolabait masa mugimenduan oso funtsionala eta erakargarria dela, bertsolari puntakoaren arteko lehia hori. Orduan nik mugimenduko partaide moduan, hori babesten dut baina artista moduan ez zait ateratzen parte hartzea. Hala ere, izugarri errespetatzen eta miresten dut, gaur egungo bertsolariek, autore izanik ere, egiten duten nolabaiteko esang nuke, autore izatearen sakrifizio punto bat lehia espektakulo hori eskeintzeko. Askotan lehentasuna emanez, bertsolaritzaren mugimenduari norbere autore izaerari baino ere. 01:10:35:16 / MAIALEN Alegia gure helburua ez dala bertsotan egitea bakarrik, gure helburua ez dela txapel bat irabaztea, txapelketaren funtzioa eta hor dauden bertsolariena, hortik hareago dijuan zerbait da. 01:10:46:23 / BEC.EKO ZOZKETA BERTSOLARI Goiza? GAI JARTZAILEA Bai Bai. Ofiziok honen arabera izango da. Arratsaldeko ofizio ere honen arabera izango da. 01:11:04:15 / FOLEY … COMPETITION 01:11:44:05 / BEC AURKEZLEA Txapelketa nagusiaren finala da gaurkoa, gaur da lau urteko zita. Gaur izendatuko dugu 2009ko bertsolari txapelduna. 01:11:53:18 / FOLEY ...COMPETITION 01:13:27:10 / ANDONI ON Orain badago euskaldun dexente, hitzaren jolasarekin gure pentsamenduak tolestatzeko eta botatzeko gaitasunarekin gozatzen duena, eta horrek poza handia ematen digu guri. 01:13:41:11 / BEC-EKO FINALEAN GAI JARTZAILEA Bederatziko txikian, bertsoa osatzeko gaia hurrengoa: SUA. Sua da amets, bederatziko txikian, bertsoa botatzeko hitza 01:13:56:18 / AMETS BERTSOTAN. SUA Poxpolo batek pizten Badu lehen gitsa Gera bota sastraka Eta sumitza Tximinitikan gora Doa bere gisa Bainan neretzat sua Dugu bertsogintza Bertsoak balitza Su baten baldintza Piz dezagun hitza Alaituz bizitza Hemen su horren bueltan Dantzan gabiltza (bis) 01:15:04:00 / ANDONI ON Finalean euskaldun asko joaten da, ez bakarrik bertsoaren alderdi ludiko eta sozial ta politiko hori gustatzen zaiolako baizik eta euskaldunak arrazoi gutxi izaten ditu euskara hutsez eta euforia momentuak bizitzeko eta nik uste dut, denori gustatzen zaigula noizean behin kolektibo baten parte sentitu eta momentu onak pasatzea. 01:15:31:12 / BEC-EKO FINALA GAI JARTZAILEA 1630,65 punturekin, 2009ko txapelketa nagusiko txapeldun, Maialen Lujanbio 01:16:11:00 / ANDONI BERTSOTAN BEC Aupa maialen zorionak Tokatzen zaizu antzera Adiskide ta bertsolari Ezin hobea bait zera Zure baimenarekin noa Elkartea aipatzera Gaur ere lanean zenbat jende Askok bolondres gainera Nik erabakia hartu dut Hemendikan lau urtera Nahiz diferentzia badagon Egon jeistetik jeistera Ni oso arro pasako naiz Naturala horixe da Lehien aulkian aipatzetik Lehian aulkiak jartzera 01:17:50:22 / BECEKO GAI JARTZAILEA Eta azkenik, txapelduna, benetako txapeldun bihurtzeko unea, Mailaen Lujanbio zatoz saria jasotzera. 01:18:46:02 / ZULAIKA Bertsolariak beren kreatibidadean, bere lagun arte horrekin, bere auntentitzidade horrekin, nik uste, euskaldunoi beste inork baino gehiago ari zaigu erakusten aurrerako bidea, jenero, gizon-emakumezko arteko harreman hauetan nola aurreratu genezake, nola elkarri babestu. Nik txapela kentzen diet bertsolarie, kapaz direlako hortarako. 01:19:13:20 / JON SARASUA Simboloa da, eta simbolo bat den aldetik, iruditzen zait Maialenen buruan dagoela simbolo hori ederki. Jenero ikus puntutik baino gehiago gustoko dut Maialenen gainean egotea simobolo hori, Maialen nire ustez belaunaldi baten adierazgarri delako eta ibilbide pertsonal baten adierazgarri delako , eta ikusten dudalako belaunaldi honetan eta Maialenengan transmizio sena dela beste behin. 01:19:52:05 / MAIALEN TABAKALERAKO ON Nik uste aurtengo txapelketa oso-oso simbolikoa izan dela, eta hor hartu du indar handia eta jendearengan ere, nik uste, hainbesteko emoziok sortu dituela horregaitik. Belaunaldi aldaketa bat eman da, bisualizatu da nahiz eta plazetan emana zen belaunaldi aldaketa hori. Txapelketan eta holako eszenario berdingabe baten eman da errelebo horren irudia . Andoni Egañak txapela utzi du eta hurrengo belaundiak hartu du txapela. Gero Joxe Agirre da gaur egun plazetan dabilen bertsolari zaharren, beste bertsolaritza baten, beste mundu baten ordezkaria dala eta era berean kapaz izan dena gaurko bertsogintzan ez integratzeko bakarrik parte funtseskoa izateko, guretzat sorte haundiz gurekin oholtza konpartitu du, diskurtso konpartitua du saioa ehunda konpartitu ditugu eta Joxe Agirre den sinbolo horrek txapela jazten dio gaur egungo bertsolaritzaren ordezkariren gazteen belaunaldi horri, ez? Kasu hontan neri. Horrez gain, emakume batek lehengo aldiz txapela irabazi duela, horrek ere duen esanahiarekin. Pentsamentu hoiek denak nahasten zaikitz nere oroimenean, eta gero jendearen emozioa, ta jenderaren esker ona saio horren ondoren, jendea pasatu zuen eguna eta sentimendu horiek denak piztu ezanak esan nahi duena ere. 01:21:14:04 / JON SARASUA Improbisatuko dugu, improbisatuko gara. Improbisatuko dugu garen eta izan nahi duguna. Eta eten gabe sortuko dugu eta erabakiko dugu zer izango garen eta zer egingo dugun.
AURKIBIDEA Atarikoa Mende berriaren hasiera Alternatiba erromantikoa Irudiak eta hitzak Mugimenduaren idazketa Galderak eta erantzunak Literatura trans Esanak eta kontraesanak Venezian ez dago simetriarik Idazlanak eta idazleen lanak Suitzako bidean Zuzenbide debekatua Suitzatik bueltan, egunerokotasuna Joxe Azurmendi eta Txillardegi Nori bere bidea Hizkera poetikoa Idazleak errealitatea itzultzen du Arrosen sasoiak Hizkera anakronikoa eta zabor kultura Hizkuntzaren higadura eta egiaren desagerpena Literatur paradigmaren aldaketak Literatur askea Epilogoa Atarikoa Nietzschek zioskunez Gramatikan sinesten duenak Jainkoarengan sinesmena ere badu, berez. Zehazkiago, Nietzschek, azken idatzietan (Götzen-Dammerung), badirudi Jainko-gramatikoaren botere izugarria eta klaustrofobikoa sentitu zuela, eta horrela zioen: “Arrazoia hizkuntzan: O ze emakume zahar eta iruzurtia! Beldur naiz, gramatikan sinesten jarraitzen dugun bitartean, ez garela Jainkoarengandik libratuko”. Idazle orok, F. Nietzscheren eta W. Benjaminen pentsamendutik abiatuta behintzat, hizkuntzaren eta balizko Jainkoaren arteko erlazioari buruz hausnartu beharko luke. Saiatu behar da ulertzen zer mugimendu gramatikal dagoen predikatua agertzen denetik niaren izena osatu arte, halako moldez non gramatika bat eratzeak, Jainkoa barruan duela, kulturan zer-nolako ondorioak dituen identifikatu ahal izateko idazkera baliagarria ote den. Begi bistakoa da idazketaren azpian gramatika bat badagoela, baina, halaber, ezin ukatu idazkera mota ezberdinak ere badaudela eta, beraz, ezin dela gramatika bakarra egon... ezta, ildo beretik, Jainko bakarra ere. Nik neronek ere, idazle moduan, izkiriatzeko modu oso ezberdinak erabili ohi ditut. Izan naiz idazle akademikoa eta kazetaria, hizlaua eta poesia erabili ditut, baita aforismoak eta saiakera ere... Azken urte hauetan idazkera hauei buruzko hausnarketa ari naiz egiten eta zurekin partekatu nahi dut, balizko irakurle hori. Izan ere, orain hasten ari den testu honek, nolabait, trilogia baten hirugarren alea izan nahi du. Hona hemen, bada, hortaz, hastapeneko aurkezpena. High Noon (Argentinan, Hitzartutako orduan; Espainian, Bakarrik arriskuaren aurrean) western generoko film estatubatuar ezaguna da, gure garaikoentzat behintzat, 1952koa, Fred Zinnemannek zuzendua eta Gary Cooper du protagonista. Argumentua denbora errealean garatzen da, eta sheriff bat du ardatz, zeinak une oro horren eginkizunaren eta maitasunaren artean erabaki behar duen eta hiltzaile saldo bati berak bakarrik egin behar dion aurre. Unibertsitateko lanak bukatu nituenean 63 urte nituen, eta bizitutakoak kontatu behar nituela pentsatu nuen. Ideia horretatik sortu zen Zorroaga ahora Ibaeta izeneko liburua (Adhara, 2018). Elebitan argitaratu genuen, nik euskaraz eta nirekin batera egiletzan partaidea izan zen Angel Gonzalezek, berriz, gazteleraz. Gure unibertsitate bizipenak kontatu genituen hantxe, hala nola, Filosofia, Pedagogia eta Psikologia fakultatearen sorkuntza, UPV/EHUko hasierako urteak eta haien garapena, euskal lerroetako istorioak eta, orduko funtzionariotzari eginiko kritikekin batera, unibertsitatean modu egonkorrean lan egin ahal izateko lan kontratuaren bidezko gure borrokak ere. Angelek, bere maisu gisa, Enrique Freijo psikologoa aipatu zuen. Nik, berriz, Txillardegi. Guretzat funtsezkoa izan zen laurogeita hamarreko hamarkadan burututako “irakasle propioaren” aldeko borroka, zeinean, nirekin batera liburua idatzi zuen Angel Gonzalez ibili zen. Ez bera bakarrik, UPV/EHUk hirurehundik gorako irakasle kaleratu zituelako eta, guk, aldiz, Unibertsitatea Lan Magistraturaren aurrean salatu ostean, irabazi genuen auzia gure lanpostua berreskuratuz. Hura gertatu ondoren, Euskadiko lege batek ahalbidetu zuen eskatutako lan kontratuaren bidezko irakasle egonkorraren irudia behar bezala gauzatzea. Borroka luzea eta latza izan zen, zeren gurekin batera aritutako lagunak, berez, gure arerio bihurtu ziren eta funtzionariotzaren bidea babesteari ekin zioten, gu bezalakoak —eta unibertsitatea demokratizatzeko funtsezkoa izan zen aldarrikapen hori— kaleratu nahi izan zituzten bitartean. Ezin izan zuten, ordea. Irabazi genuen eta gaur da garaia erretreta hartu dugula lan kontratuaren bidezko irakasle egonkorrak izanik. Ona guretzat baina askoz hobea UPV/EHUko gainerakoentzat ere. Ibilbide aldarrikatzaile horretan ezin utzi aipatu gabe, UPV/EHUn ohikoak izan ziren sindikatuen beligerantzia gure kontra, UGT eta CC. OO. bereziki, (Arriolak, Lopez Basagurenek, Doñatek eta, haien kariaz, Pello Salaburuk berak, ahalegin handiak egin zituzten irakaslearen irudi berria oztopatzeko). Aldiz, Lan Zuzenbidean irakasle moduan aritutako Koldo Gorostiagaren laguntza estimagarria izan zen oso. Hau guztia kontatu nuen Finlandian burutu zen Nazioarteko Hezkuntzaren Historiako Kongresuan 1988an. Orain asko erabili ohi da prekarietatea hitza, baina unibertsitatean, Francoren garaitik zetorren ohituretan oinarriturik dago, besteak beste, orduko PNNek (“irakasle ez-numerarioak” zeritzanak) ez zuten inolako egonkortasunik lanean eta urtero berregin behar zituzten beren kontratu diskriminatzaileak. Aldiz, hezkuntza mundurako batere egokia ez den funtzionariotza pribilegio guztien jabe zen. Gure borrokak aspaldiko egoera hori aldaraztea lortu zuen eta bide horretan bidaide izan nuen liburu horren beste egilea, Angel Gonzalez, baita Arantza Urkaregi, Joserra Etxebarria, Fernando Mijangos, Iñaki Alegria, Xabier Artola, Xabier Arregi, Xabier Isasi eta beste Xabier, baita Xabier ez ziren luze bat ere. Egia da, halere, erretiroa hartzeko garaia etorri zitzaidanean konturatu nintzela funtzionarioak oraindik pribilegio askoren jabe badirela, baina horrek goian aipaturiko borrokan sakondu beharra besterik ez du azpimarratzen. Areago, 2020ko maiatzaren 7an Madrilgo Kongresuan Unibertsitate Ministro Manuel Castellsek esandakoa entzunda: “Eskandalua da unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen ezegonkortasuna. Hori amaitu egin behar da, eta funtzionarioen eta lan kontratuko langileen artean banatutako karrera akademikoaren proposamenari ekingo diogu, baina eskubide eta betebehar berekin”. Horixe izan zen gure aldarrikapena UPV/EHUn mende laurden lehenagotik, eta horretan dirau orain, nahiz eta, dagoeneko, Espainiako ministroak, berandu bada ere, guri arrazoia eman. Bestalde, Zorroagan hasi ginenean ia ez zegoela euskarazko eskolarik berriro ere esan beharra dago. Guk sortu genituen materialak eta didaktikak, taldeak eta antolakuntza. Hori zela-eta hasi nintzen ni liburuak idazten, egoerak behartua, alegia, nahiz eta, urteak joan urteak etorri, uzta aniztuna ekoitzi (zehatz ikusteko, fitorodriguez.eus-era joan). Egun, aldiz, azken ikasturteko taldeei erreparaturik, euskal geletako taldeak hiru aldiz handiagoak izaten dira gaztelaniazkoak baino eta, azken hauetan, askok eta askok euskara ere badakite. Ezin esan, bada, urteak alferrik pasa direnik, ezta gure orduko ahalegina hutsaren parekorik izan zenik ere. Baina, egia esanda, unibertsitateko lanean liburuak idatzi, apailatu eta argitaratu arren, nik erabilitako hizkuntza ez zen guztiz nirea, egoerak eskatzen zuen akademikoa eta pedagogikoa baizik. Nire estiloa ez zen literarioa. Beraz, ez nintzen idazle oraindik. Angel eta biona bi bide paralelo izan ziren irakaskuntzan, ikerkuntzan zein gestiogintzan, Angelena gazteleraz, eta nirea, aldiz, elebitan baina euskarazko bideak aldarrikatzen, irekitzen baita gauzatzen ere. Gure lan kontratuaren aldeko ahaleginak elkartu gintuen, batzarrak eta ekintzak, ezinezkoa omen zena bidezko bihurtu genuen arte. Azkenean biok hartu genuen erretiroa funtzionario izan gabe baina, halaber, goi mailako irakaskuntza publikoan lanean. Ezinezkoa ekinez erdietsitakoa izan zen, bada. Hori dena kontatu behar zen eta liburu horretan kon- tatu genuen. Dena den, noranzko bereko liburu hori bi ikuspegi singularretatik idatzita dago. Idazten ibili ginen bitartean ez genuen gure testuei buruz hitz egin eta bakoitzak bere aldetik jorratu zuen ildoa. Horrela izanda, esaterako, liburuan agertzen diren istorioak direla-eta ez dago askotan ez kontakizun ezta balorazio komunik. Adibidez, gure fakultatera (sasoi haietan Psikologiak, Filosofiak eta Pedagogiak ikastegi bakarra osatzen baitzuten) Jose Luis Pinillos psikologoa etorri zenean, haren salaketa gauzatu zuen ikaslez zein irakaslez bildutako talde batek (aipatu psikologo hura frankista ezaguna izateaz gain nazien kolaboratzailea izan zen...) eta, bere testuan, Angelek deitoratu zuen ekintza hori. Nik, aldiz, orduko Egin egunkarian defendatu nuen salaketa nahiz eta nik, klasean nengoelako, horretan parte hartu ez. Liburuan, bada, ez dago kontakizun bateratua ez eta orduko gertaerei buruzko adostasunik, baina testuetan badago, ordea, Zorroagako giroari zegokion ezaugarri bat: kontakizun ezberdinak zabaldu ahal izateko joera eta, haien arabera, eztabaidarako askatasuna oinarritzat hartzea. Bi ardatz haiek, zoritxarrez, Zorroagatik Ibaetarako bidean galduz joan ziren “pentsamendu bakarra” gero eta indartsuago bihurtzen zen bitartean eta “disidentziak” geroa eta baztertuagoak bilakatuz. Ondorioz, hasierako garaietan gai guztien inguruko erabakiak, politikoak barne, modu asanblearioan antolatu bagenituen eta haiek eztabaidatzea ohikoa bezain beharrezkoa bazen ere, azkenean, normaltasun burokratikoa gailendu zen hasierako adierazpen askatasuna desagerraraziz. Max Weberek ez omen du sekula galtzen... Zorroagako hasierako egunetan, Franco ondorengo gainerakoetan bezainbeste, bestalde, asanbladan hitz egiten genuen, alde batetik, Txillardegik, Xabier Apaolazak, Joxemartin Apalategik edo nik neronek, eta beste aldetik, berriz, Fernando Savaterrek, Mikel Azurmendik edo Aurelio Artetak kontrako iritziak plazaratzen zituzten, eta ez alde batean eta ez bestean, ostera, Javier Etxeberria, Victor Gomez Pin, Marisol de Mora, Teresa del Valle mintzo ohi ziren... Hori oso “arriskutsua” iruditu bide zitzaien orduko El País egunkarian idazten zutenei, eta praktika haiek zapuzten aritu ziren “mehatxupean” zeudela zabalduz eta, finean, aipatu giro demokratiko hura birrinduta geratu zen betiko. Hala eta guztiz ere, huraxe izan zen Zorroaga horren funtsezko irakasgaia, bertan Zorroaga asko zeudela, alegia, eta, ahal zen neurrian, denek bazutela beren iritzia azaltzeko eta defendatzeko aukera gure ohiko funtzionamenduan. Arriskugarria zen, nonbait, munduan aniztasuna onartzearen partez errelato bakarra behartu nahi dutenentzat. Horregatik gure liburua, orduko sasoien ispilu, ezin zuen bakar batek izkiriatu eta, horregatik ere, bi luma, bi hizkuntza eta bi kontakizun agertzen dira bertan. Urtebete pasatu ondoren, ordea, neronek 64 urte nituela jada, aspaldiko irakaskuntza ez-unibertsitarioaren borroketan nirekin bat aritutako adiskide batek, Josu Txapartegik, erretiroak emandako lasaitasun hartatik nonbait, deitu zidan jardun haietan bizitutakoaz hitz egiteko eta, bide batez, denborak ematen duen distantziatik hausnarketa partekatua bion artean egin genezan proposatuz. Dei hartatik sortu zen Eskola Publikoa ez da Euskal Herriak behar duen eskola publikoa deritzan liburuttoa (Delta, 2019). Akuilua, esan bezala, 1993an Euskal Autonomia Erkidegora- ko “Buesa Legeak” eragindako giroa islatzea, eta horretaz gogoetari berriro ekitea, izan zen. Egiako Aitor Ikastolako Gurasoen juntakidea nintzen eta Ikastoletako Gurasoen ordezkaria nintzen Gipuzkoako Ikastoletako Federakuntzako talde bateratzailean ere 1993ko “Euskal Hezkuntza” bi lege egitasmoak aurkeztu zirenenean. Beraz, garai horretan parte hartu nuen eman ziren eztabaidetan, bai auzoan gure ikastolan nola beste foruetan ere. Gure ikastolak, boto gutxirengatik, sare estatalean integratzea deliberatu zuen. Halaber, EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailean irakaslea ere banintzenez, aipatu bi lege egitasmoak ikertzea, baloratzea eta, ahal zela, alternatibak eskaintzea ere deliberatu genuen. Handik sortu zen Euskal Eskola Berria izeneko liburua non, besteak beste, Felix Basurcok edo Paulo Iztuetak lege berriaren testuaz iruzkinak egin zituzten. Nik, bereziki, irakaskuntza publikoan lan egiteko funtzionariotzaren ezaugarriak aztertu nituen, nire aburuz funtzionario izatea egoera kontraktuala baino desegokiagoa izaten baita hezkuntzan lan egiteko. Ikastolen existentziak sortzen zuen anomalia konpontzeko, 1993an, sozialistek EAJren elkarkidetzaz, indarrean jarri zituzten Euskal Eskola Publikoaren bi lege. Ikastolen mundua bitan zatitu zutenak, administraziotik onura ekonomikoen eta lanpostu ziurtasunaren amua erabiliz. Ez bi sareen arteko konbergentzia bat lortzeko, eredu nazional euskaldun eta publiko berri baten bidean, espainiar eredu estatalean, haien eredu publikoan integrazioa baizik, alegia, ikastolak haien sare publikoan integratze edo sartze soil bat. Hego Euskal Herrian, hezkuntzan hiru sare zeuden funtzionamenduan. Lehendik zetozen eskola nazionalak, batetik; indar handia zuten zentro erlijiosoak, bestetik; eta herritarrek beraiek beren kabuz eta ahaleginez sortu zuten ikastolen mugimendua, azkenik. Arraroa egiten zitzaien eskema hura bitasunean ohituta zeuden buru batzuei. EAEko gobernura iritsi zirenean lehendabizikoetako ahalegina egin zuten ikastolen mugimendua sare publikoan integratzeko. Horretarako idatzi zituzten legeak eta, nahiko itota zebiltzan ikastolei eskaini zizkieten berme ekono- miko guztiak, gureari edota gurea bezalakoak zirenei, integrazioaren truke. Berez, diskriminazio soziologikoa gauzatu zen horrela, dirua zuten ikastolak “pribatu” gisa geratu ziren eta, dirurik gabeko auzoetakoak, berriz, sare publiko transferituan integratzera behartu zituzten. Diskriminazio kateak, zoritxarrez, bere horretan dirau: estatu espainolak dauka bertako hezkuntzan, nahi duenean, esku hartzeko aukera eta hori ezin da ahaztu. Gobernu Autonomikoa konformatzen ari da zerbait gestionatzearekin eskandalurik sortu gabe. Irakasleok ere ohitu gara egoera honetara eta zauriak ez gaiztotzearekin konformatzen gara. Alternatiba ez da erraza, baina derrigorrez pasatu beharko du euskal hezkuntza berri baten diseinutik, bere curriculum propioarekin, pedagogia hurbil eta gaurkotuarekin, gurasoekin konfiantza osoan, herrian eta inguruan ongi txertatua, irakasleria finkoa mantenduz eta hauen ofizioari errespetu handia eskainiz, eta guztia, munduari begira, gure ahalegin onena eskaintzeko herri gisa. Gure herri txiki honetatik zer egin dezakegu mundu ederrago bat posible izan dadin? Botere politiko nahikorik ez dugun bitartean helburu horretara hurbiltzen gaituzten erabaki guztiak hartu behar dira urte hauetan. Gure liburua horretan zetzan. Hala eta guztiz, Zorroaga ahora Ibaeta liburuan ez bezala, testu honetan ahoz bakarra mintzo da. Testuak idazten hasi ginenetik kaleratu bitartean urte oso bat egon ginen biok bertsio ezberdinak elkartrukatzen, zuzentzen eta bateratzen. Ondorioz, liburuak, bi egile baditu ere, iritzi komun bat plazaratzen du, alegia, asmo eder bat —euskal eskola publikoa— gauzatzeko aukera nola zapuztu zen azaltzeko gure kontakizuna. Izan ere, hori guztia gertatuko zaigu Herri moduan behar bezalako burujabe maila —nazio gisa— lortzen ez dugun bitartean. Gai hori dela-eta, zoritxarrez, gure arteko zatiketak gaur arte dirau. Hezkuntza komunitate bakoitza berean egoskortu da. Eskola Publikokoak deritzanak, berak direla publiko bakarra aldarrikatuz. Ikastolakoak, aldiz, beren ildo herritarra nola edo hala mantendu nahian baina, soziologikoki, gero eta pribatuagoak. Hori dena liburuan agertu genuenean zauri zahar bat berriro irekitzea bezala izan zen, zorne guztia hasi zen irteten eta ahaztutako jarrera erasotzaile batzuk ere berpiztu ziren. Bi izan ginen idazleok baina, auskalo zergatik, kritika bortitzenak niri zuzenduta izan ziren... Berriro diot, Zorroaga ahora Ibaeta liburuan ez bezala, testu honetan ahots bakarra dago, biona. Liburu asko idatzi ditut, gehiegi nire ustez, baina, esan bezala, niretzat idaztea gogoeta bidea denez, idazten jarraitu behar dut bizitzaren hausnarrean ezinbestean. Hori dela-eta dator orain idazki hau. Arestian adierazi moduan aipatutako orain arteko bi hausnarketa liburuak partekatuak izan diren arren, hala unibertsitateko jardunaz nola unibertsitatez besteko irakaskuntzaz ere, idazkuntza literarioaz aritzerakoan, aldiz, niri bakarrik dagokit egiletza eta balizko gogoeta. Oraingo honetan, bada, bakarrik nago arriskuaren aurrean, besteen aurrean biluzteko ariketa lotsagarrian. Lehen hizpide hartu ditudan bi liburuak direla eta, denetatik entzun eta irakurri behar izan dugu. Jende guztiari ez zaio beti gustatu papereratu duguna. Jakina, kaleratutakoa gure bizierak, lekukotasunak eta iritziak dira, eta ez dago, berez, zertan konpartitu guri sortutako sentimenduak eta gogamenak. Halere, hala azaldutakoak nola haiei egindako iruzkinak ere partekatuak izan dira, beren neurrian egiletza ere bi egileona izan baita bi kasuetan. Orain ez. Iritsi zait ordua, bada, bakarrik egin dudan literaturaz ni neu bakarrik aritzeko. Iragarritako orduan, bakarrik arriskuaren aurrean, literaturaren maitasunagatik eta haren inguruaz pentsatzeko XX. eta XXI. mendean idatzi eta argitaratu ditudan testuak akuilu izanda. Mende berriaren hasiera Magrittek ez omen zuen pipatzen kaleratu nuen Txalaparta argitaletxearekin mende honen hastapenetan. Filosofiaz eta pentsamenduaz diharduten 120 istorio laburrek “desfilosofatzea zuten xedea: ez gezurrak erakustea, egiak nola eraikitzen diren erakustea baizik”. Aurkezpen polita izan zen liburuarena. Diaporamak, liburuko istorio batzuen irakurraldia, Txillardegi, Bikila, Joxerra Garzia, Xabier Mendiguren, sakelako telefonoaren doinu bitxiak... hori guztia eta gehiago izan zen Donostiako Koldo Mitxelena kultur aretoan eginiko liburuaren aurkezpenean. Koldo Izagirre hitzaurrearen egilea ere bertaratu zen. Gogoratzen naiz ni aurkeztean “bozkario” berezi bat zela esan zuela: “Autore berria ez izan arren —zenbat liburu egin nituen aurretik—, liburu honekin egin nintzela idazle” esan zuen. Bere aburuz, liburu honetan ikusten zen, nonbait, argien nire idazletasuna. Hizkuntzaren plazera nabaritzen zela, eta formaren tratamendu berezi bat lortu nuela zioen. Halaber, ironia eta umorearen zeharbidea zientzia zehatza baino arma garrantzitsuagoak direla ageri bide zela. Egiak eta kontraesanak Koldo Izagirrek hitzaurrean idatzitakoari kontra eginez hasi nintzen ni liburuaren azalpenean: “Koldok esaten du gezurrak azalarazten ditudala, baina nik egiak nola egiten diren kontatzen dut. Finean, egiak eraiki egiten dira, errepresentazioak bezala, antzerkia edo politika bezala. Be- raz, bestelako egiak izan zitezkeela diot”. Hitzaurrearen egilearen aurkakotasun horrek indartu egiten du liburu honen izaera, hots, kontraesankorra izatea. Izan ere, liburua, “Rene Magritteren koadroetako irudiak bezala”, aski sailkaezina dela uste dut. Hain zuzen, horixe interesatzen baitzait eta horregatik maite dut literatura: “Mugak kolokan jartzen ditugunean hasten gara pentsatzen. Kontraesana egotea funtsezkoa da pentsatzeko. Gure gizarteak oreka eta sistema azpimarratzen ditu, saihestu egiten du kontraesana, baina hortik sortzen da bizitza”. Horregatik, hiru ataletan banatu dut liburua, eta bakoitzean 40 istorio daude. Lehenengo ataleko istorioak irudikapenen ingurukoak dira, errepresentazioa horrela ulertuta idatzitakoak. “Badago beste modu bat errepresentazioa lortzeko; antzerkia, alegia, gizarte espektakuluak”. Horretaz dihardu bigarren zatiko idatzietan. Hirugarren zatia, berriz, errepresentazio politikoari buruzkoa da. Desfilosofatzeko 120 bit informatibo: Lehen esaten zen dena ulertu beharra zegoela behar bezala erabili ahal izateko. Eta orain esan genezake jendeak benetan publizitatearen bitartez ikasten dugula, hots, bit direlakoen bitartez. Bertako istorio bakoitzean oso informazio trinkotua dagoela azaldu beharra dago, eta ulertu gabe ere gerora erabil daitekeela, “desfilosofatzeko”. Lehenengo istorioa, adibidez, autodidaktei buruzkoa da. Bertan esaten da nola Sartrek Goragalean barre egiten duen auto-didaktari buruz. Nik uste dut Magritteren obraren gisan, sailkaezina izan zela liburua eta, beraz, mugen indefinizio horrek, kontraesanak pentsatzera bultzatzen dizkigula aldarrikatu nuen . Orain, distantzian, gerora ere erabili ditudan gaiak eta formak jadanik liburutto honetan daudela konturatu naiz: Egien gizarte eraikuntza, irudikapenak, gogamen paradoxikoa eta abar. Agian, horregatik hain zuzen ere, surrealismoari kasu berezia egin diot nire literatura bidea ibiltzerakoan. Aurkezpen horretatik Koldo Izagirreren hitzekin geratzen naiz: “Orain egin da idazle. Liburu honetan azaltzen da argien idazletasuna, alegia, hizkuntzaren plazera nabaritzen da” Liburuaren epilogoan, berriz, honela nioen: “Ordenaren kontra egiten da gogamena, filosofia ustearen kontra bakarrik aritu daiteke”. Magrittek defendatzen zituen artea, musika eta literatura badirela gogorarazi nuen. Kontraesan batekin amaitu nahiko nuke azalpen hau, filosofiari buruz esandako oinarrizko “gezurra” salatuz, alegia: adibidez, ez dago Aristotelesek idatziriko libururik; haren ikasleek idatziak baitira orain ezagutzen ditugun denak. Gogoratzen naiz Olatz Beobide aktorea izan nuela lagun liburuaren zati batzuk leitzeko orduan. Errezitaldiak iraun bitartean, Magritteren obra batzuen diapositibak bota genituen. Hona hemen irakurraldian entzun ziren batzuk: “Freud, Marx, Nietzsche. Susmoaren aitapontekoak. Errepresentazio klasikoaren birrintzaileak. Zer dago ametsen atzean? Zer ezkutatzen da ekoizpen harremanetan? Mintzaira bera susmagarri dugu... Iruditeria, Antzerkia, Ordezkapena.” Orduko gaiak eta, bide batez, nire literaturan etengabe errepikatu direnak, izan ere, Gilles Deleuzek zioenez, “ez dago berrikuntzarik gabeko errepikamenik”. Eta, bada, haiei guztiei behin eta berriro heldu badiet ere, heldutako bakoitzean helduago bihurtu zait gai haiekiko trataera. Horrela gertatu zitzaidan errepresentazio klasikoaren hipokrisiarekin. Honetaz hausnartzeko ausartu ziren haiek ere, zelako hipokritak! (Grezia klasikoaren esanguran, jakina...), antzezleak, alegia. Grekoek beren kulturan erabilitako hezkuntza mota zen antzerkia. Aktoreek (hipokritek) aurpegia estaltzen zuten maskara gogorrez (pertsona izenekoak) beren aldartea agerrarazteko. Antzerkiak jasotzen zuen dirulaguntzari theorikon deitu zitzaion. Gizarte grekoaren ondorengoa den gurean pertsonalitate handiko teorikoek ere dirulaguntza jasotzen dute beren hipokrisiagatik. Hipokrisia, izan ere, norberaren krisi txikiak dira, izaeraren gatazkak, nortasuna eraldatzeko pizgarriak. Alta, krisi handien aurrekariak ditugu hipokritak. Nire idazki literarioetan, nire teorietan ni naizen irakurlea ari naiz bilatzen. Baina V. Nabokovek zioen, moduan: “irakurle” hitza oso zentzu zabalean erabiltzen dut. Bitxia badirudi ere, liburuak ez dira irakurri behar: berrirakurri egin behar dira. Irakurle ona, lehen mailako irakurlea, irakurle aktiboa eta sortzailea “bir- lektorea” da. Izan ere, liburu bat irakurtzean, denbora behar dugu harekin ohitzeko. Ez dugu multzo osoa hartzen duen eta gero xehetasunak hauteman ditzakeen organo fisikorik ( adibidez, begiak margoaren aurrean egin ohi duten bezala). Baina bigarren, hirugarren edo laugarren irakurketan, liburuari dagokionez, koadro baten aurrean bezala jokatzen dugu, nolabait. Hauxe Magritteren irakasgaia. Nirea, berriz, testuak, berrirakurri behar diren modu berean, etengabe berridatzi behar direla geure egiteko bidean. Izan ere, literatura, norberak bere burua eta mundua ezagutzeko bidea baita hastapenetatik. Ni ere nire burua ezagutzen joan izan naiz literaturaren bidez. Irakurlea nauzu irakurle, idazlea baino gehiago, ofizioz nahiz afizioz, edo agian, idazlea naiz irakurlea naizen hein berean. Eta irakurle gisa, jakina, ez dut fikzioa bakarrik aintzakotzat hartzen, ezta euskaraz argitaratzen dena soilik ere. Aitzitik, mota desberdinetako idazkiei kasu egin behar diedan neurri berean, hizkuntza bat baino gehiago hartu behar izaten dut kontuan nire irakurraldiak behar bezala antolatzeko, eta jarrera hori bera ez zitzaion arrotz izan ez Michel Montaigneri ez eta literaturgintzan ibili den edonori. Aharon Appelfeldek, adibidez, horri buruz hau zioen (1988): “Hebreera nekez ikasi nuen. Hizkuntza zaila da, zorrotza eta aszetikoa. Hona bere oinarria: isiltasuna da jakintza babesten duen harresia. Hebreerak pentsatzen irakatsi zidan, hitzak aurrezten, adjektiboak neurtzen..., irakatsi zidan diot, hura ikasi gabe ezin izango bainukeen nire bidea aurkitu...” Mota horretako literaturak hizkuntza hautatzea baitakar. Hala egin zuten Kafkak, Pessoak, Borgesek, Becketek, Gadamerrek, Cioranek edo Kunderak..., beren idazketarako hizkuntz hautua egin zutenean. Hau da, testuen bidez beste testu batzuk sortzea eta garatzea izan da betidanik literaturaren genesirako ernamuina. Horregatik, agian, literaturaren itsas zabalean idazle jakin bat baino gehiagoren testuak ditut gogoan (Magritteren metafora grafikoak barne) eta, guztiz jakin gabe apika, nire idazkietan berragertzen zaizkit. Logolatrak, berriz, hitzaren gurtzaileak lirateke, halako hitzik balego behintzat. Mintzairaren munstroak badauka halako eleak sortzerik. Zatiak bildu eta esangurari bizia eman. Glotofagia garaiotan, non hizkuntza txikiak handien bazka bihurtu diren, gutxiagotutako mintzamen bateko hiztun tanatofobo batek bakarrik egin ditzake mota honetako ariketak. Logoziden planetan nanomakia besterik ez da poesia. Esan dut Olatz Beobide aktorea eta zuzendaria izan zela Alfonso Sastreren Immanuel Kanten azken egunak itzuli eta taularatu genuenean. Olatzek oso ondo ezagutzen du Alfonso Sastreren poetika eta, berak zuzenduta, emanaldiak egin genituen Iruñean (UEUn), Donostian (Koldo Mitxelena Kulturunean) eta beste zenbait tokitan, eta orduko “hipokritak” Ramon Agirre, Patxi Santamaria, Tessa Andonegi... izan ziren. Kanten hizkuntza bereziki zaila egiten zitzaien bere garaiko alemanei hizkera bortxatua erabiltzen zuelako eta hitzak asmatzen baitzituen, baina, horrela, berak adierazi nahi zuena agerrarazteko mintzaira berezitua sortu zuen. Horrela egin zuen, ezagunak diren Proustek edo Beckettek bezala, zoritxarrez aski ezezaguna zaigun Ch. F. Ramuz idazle suitzarrak ere bere eskaintza literarioak ondu zituenean. Samuel Beckettentzat, irlandarra izan arren, hizkuntza literariotzat frantsesa aukerakoa zuen neurrian, begi bistakoa zen “atzerriko mintzairaz” baliatzen zela idazteko, baina gauza bera defendatu zuen, esaterako, Marcel Proustek berak eta, bera bezala hizkuntza frantsesduna izanik, baita Ch. F. Ramuz suitzarrak ere. Beraz, filosofia eta literatura uztartzen saiatu nintzen liburu hartan. Koldo Izagirrek Magrittek ez omen zuen pipatzen lana goraipatu zuen eta idazle bihurtzen lagundu ninduen. Jakinduriaz eta umorez hausten dugula gezurraren azala pentsatzen dut, eta nire testuak horretarako baliagarriak izateko idatzi nituen. Garai hartan jakina, EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea nintzen eta makina bat lan argitaratuta nituen, batez ere saiakera arloan, baina saiakera literariorik burutu gabe. Artikulugile politiko gisa ere nahikoa ezaguna nintzen ordurako eta horretaz aurrerago mintzatuko naiz; halere, literatur ukitu nabarmenarekin egiten nuen lehenengo liburua zen, ordea, aipatzen ari garen hauxe. Gari Berasaluze, sasoi hartan Txalapartako argitaratzailea zenak ere hori bera nabarmendu zuen. Koldo Izagirreren ustea izan zen horretan argiena: “Nik uste dut gauza bat dela liburuak egitea, Fitok orain arte egin dituenak bezalakoak, eta beste bat liburu bat idaztea. Ez dut gauza bat bestearen gainetik ipini nahi, baina oraingo liburu honetan garbi ikusten da egilearen beste liburuetan ikusten ez dena, alegia, nabaritzen zaion eta transmititzen duen hizkuntzaren plazera, formaren tratamendu berezia eta ironia. Idazleontzat umorea eta ironia arma bezala irakaspena edo zientzia zehatza baino inportanteagoak baitira”, nabarmendu zuen Izagirrek. Genero aldetik nekez sailka zitekeen liburu honek hiru atal ditu, horietako bakoitzak bere baitan berrogei istorio biltzen ditu eta, liburuaren titulua, Hau ez da pipa bat deritzan Magritteren irudi bati zor zaio. Platon giltzarria izan da pentsamenduaren historian, bere pentsaera idatzi zuenetik pentsamendua bera ekoizteko sistema berria abian jarri zuelako. Modernia osoa Platonen ideien garapena besterik ez da. Egiten dugun ororen atzean ordena jakin bat dago. Platonez geroztik ordena horretaz jarduteko zilegitasuna izan duen diziplina bakarra filosofia izan da. Magrittek, berriz, filosofia ez ezik artea eta beste zenbait diziplina ere erabil daitezkeela zioen. Eta ni horrekin bat nator. Liburuan bildu ditudan istorioetan saiatu naiz kontatu digutena beste modu batez ulertzen eta, bide batez, egun indarrean dagoen hainbat egia nola fabrikatu duten azaltzen. Gezurrak hausten Koldo Izagirrek, ironiaz, artearekin beti izan duen harreman zailaren berri eman zuen. Arte plastikoei dagokienez, “arrunt miretsi izan dut beti gure eskultoreek zeinen erraz aipatzen dizkizuten Heidegger eta Kierkegaard, epistemologia eta fenomenologia”, esan zuen. Kontrapuntu gisa, Magritteren kasua aipatu zuen. “Magritte figuratiboa da, baina bere figurazioaren bitartez figuratibismoa apurtu eta beste abstrakzio maila bat lortzen du. Maite dut Magritte, ulertzen dut. Idatzi nahi lituzkeen liburuen azalak margotzen dituen poeta da”. Horrela, Koldok bere poza agertu zuen Magritte oinarri duen nire liburuak filosofiari bere ustez zuen mikaztasuna kendu diolako, neurri batean behintzat. “Fito gogokoen duen diziplinan agertu zaigu idazle. Magrittek ez omen zuen pipatzen filosofo baten lana dugu, dudarik gabe, baina aldian poeta, aldian kontalari eta beti hitzaren maitale agertzen zaigun filosofo baten lana”, esan zuen. “Zorrotz dihardu Fito Rodriguezek liburuan egunero pipatzen ditugun gezu- rrez, jakinduriaz eta umorez hausten du gezurraren azala. Biziki gomendatzen diet liburu hau mota guztietako irakurleei, batez ere niri bezala filosofia ulertezina egiten zaienei. Liburu honek filosofia desfilosofatzen irakasten baitu. Filosofatzen, alegia”, bukatu zuen Koldok. Eta ordutik hona idazle hasi nintzen egiten. Literatura maite dutenen galdekizun eta, era berean, eskaera ere bada, nik bezala, beraiek duten txera hura, irakurtzeko nahiz idazteko grinarena alegia, irakasterik ba ote dagoen. Eskolak irakurtzen eta idazten irakasten duela begi bistakoa izan arren, ez omen dago horren argi idazteko edo irakurtzeko zaletasunak sustatzeko balio duenik. Literaturarekiko joera haiek nahi beste helarazi ahal izateko, ordea, nola bideratu behar ditugu dauzkagun baliabideak? Nori zuzendu? Zertan oinarritu gure ahalegin adoregabeturik? Diotenez, Grezia zaharrean, jakintzaren helarazteko aukerari kuku egin nahi izan ez ziotenek, honetaz guztiaz itaundu zioten filosofo aditu bati. Hark, lasaitasunez, honakoa ihardetsi zien: “Ekar ezazue hizketan dakien edonor”. Haiek, berriz, erantzunaren xalotasunarekin harriturik, haur, emakume, nagusi edo greziar jatorrizkoa behar ote zuen galdetu zioten, eta hauxe izan zen filosofoaren erantzuna: “Hitz egiteko gauza den bitartean, esklaboa izan arren, ikasiko du dena, baita jakintza maitatzen ere”. Hau izan da, besteak beste, greziar jakinduriaren ikasgaia: eskoletako ordutegien menpe ikastera kondenaturik dagoenak irakurketa eta idazketaren zaletasuna eskura dezakeela... hizketan jakinez gero. Marcel Proust, honetaz konturaturik, hasi zen irakurzaletasuna sustatzeko John Ruskinen ingelesezko testuak frantsesera egokitzen, eta Sur la lecture izeneko saiakera eman zigun ((denboraren poderioz euskarazko honen bertsioa prestatu eta argitaratu nuen). Kulturaren garrantziaz ohartzeko, hala Ghandirengan nola Alderdi Laboristan ere horrenbesteko eragina izan zuen Ruskinen azalpenak, Prousten literatura egiteko modua ere aldatu zuen. Hau da, zergatik alboratu zuen, hura argitaratu ondoren (1906an), Pariseko giro mundanoa, eta aritu zen hil arte (1922an) À la recherche du temps perdu idazten? Ordura arte eramandako bizitzarekin erabateko haustura izan zenak idazteko modua ere birmoldatu eta Du côté de chez Swann horretan antzematen zaion idazkera berriari bidea zabaldu zion (egun Jose Austin Arrietaren itzulpenean euskaraz irakur dezakeguna). Baina Proust ez zen aszeta izan, ezta sinestuna ere, baina... egitasmo sendo bat bazuen, ordea: liburu bat izkiriatzea. Marcel Proustek, idazketaren bidez, ez zuen soilik literatura sortu nahi, naturak dakarren ezinbesteko amaierari zein ahanzturari aurre egin baizik. Proustek, Sur la lecture izango zen Sesamoa eta Liliak itzuli eta kaleratu ondoren, bere burua eskaini zuen idazketarako. Hizkuntzarekiko tolesgabeko konpromisoan. Literatura dela medio, hizkuntza eta mundua ahalik eta hobekien ulertzeko eta ibiltzeko. Horrela idatzi zituen À la recherche du temps perdu osatzen duten zazpi zatiak, hamabost liburuak, lau mila orri eta miloi eta erdi luze hitz. Literatur genero guztietatik zerbait duen honetan liburuen xarma islatzea erdietsi zuen. Literaturarako proposamenak, berriz, hori bezalako esperientzia hedatu behar du: irakasleei ikasleak egiten dakien hartatik abiatzeko bidea emanez, poesian, antzerkian, narrazioan edota saiakeran ahalegintzeko aukerak eskaini hitz jariotik idazketarako jauzia eneagarri izatearen ordez, erakargarri bihur dadin. Hortik aurrera, jakina, nork bere xendari ekin behar izango badio ere, etsipena gainditurik, hizkuntzarekiko konpromisoari eusteko parada emanez. Ahalegin horretan ezagutu nuen Joxemiel Bidador zena, idazle eta irakaslea, eta, hil zenean, hunkiturik geratu nintzen erabat. Hori zela eta, honako testua idatzi nuen: “Inor, herioak eramana, desagertzen denean, ordezkaezina zela errepikatzen ohi du topikoak. Halere, topikoak topiko, honela esango nuke nik utzi gaituen Joxemiel Bidador idazleaz eta, halaber, adiskide kirmenaz. Izan ere, ingurukoak hil egiten direla, haietaz agerrarazten ditugun sentimenduak bizitzearen aldeko sentikizun ere badira, eta horregatik sentitu egiten ditugun zure hutsunean zureak izan diren sentiberatasun poetikoa eta jakinmin gogaberaren galera, utzi dizkiguzun olerkietan nahiz entseguetan ondua. Baina bizitza, itzulezina izan arren, haren emariak badihardu, iraun ere, eta hura da ordezkaezin bihurtzen dena. Zuk bizitutakoa eta zuk idatzitakoa ordeztezinak bai- tira. Ez zaitu, halere, herioak hartu behar bezalako barrerik egin gabe. Kontrakoa eman arren, Euskal Idazleen Elkartearen arduretan ez dago beti literaturarako astirik. Aitzitik, nahiz eta askotan idazleon habia atsekabearen eskergaiztxoko bilakatu zure alegeratasunak zabaldutako pozaldia izan da maiz gure aterpe onena, eta ahaztezina. Lanean nahiz kezketan, bileretan nahiz buruhausteetan buruko mina irriberaz ezabatzen bazenekien. Maitekorra izan zarelako. Eta, agian, maitasunak, ezinbestean, norberaren heriotzara eramaten gaituelako neurri batean, eraman zaitu zu bere altzora horren azkar. Herioa, dantzari trebea, eta hitza, dardartia, elkartu dira zure sorkuntzan, zure emarian. Ez zen zurea denbora galduaren bila aritzea eta zure denbora ez da bukatu, agortu arren, gurekin dantzan dabilelako zure idazkietan. Gu baino azkarrago izan zara, hala nafarreraz nola baturazko adieretan, denok egin beharreko bidea jadanik burutu duzulako, eta opari oparoak utzita. Zureak irakurtzerakoan orainaldian egongo zara, iraganerako kondena gainditurik, bai eta geroan ere, gure munduko, gure Euskal Herriko iragana, orainaldia eta etorkizuna hobeto ulertzen lagunduko diguzularik. Eta hiltzeko garai onik inoiz ez badago ere bizitzan zerbait emana utzi duzula ezin da ukatu. Hunkituta gaude, zure jakinduria eta leialtasuna ez dugu hemendik aurrera bidaide izango baina, izan dugu, ordea, eta plazera izan da... Agonia luzeak izaten dira garratzenak, eta zu ez zara inoiz garratz izan, jakintsu eta leiala baizik. Hil zarela esan zidatenean hartu nuen hotzlarria, zure falta eta egarria, utzi baikaituzu bat-batean... Eta ezin egon bakean zure izaera apala nahiz jakinduri zabala betiko galdu dugunean. Eragin duzun arrakala ezin da izan makala. Aio, jakintsu eta leiala.” Joxemielek, berriro diot, goian aipaturiko hizkeraren maitasunak bultzatutako testuak utzi zizkigun eta hor daude, gure eskura, esaterako, bere lan poetikoa baina, horretan hain zuzen, haren hizkuntza ahaleginak ere agerrarazten digu literaturarako konpromisoa. Idazteko modu horri, ordea, ezin zaio filosofiari dagokion idatz tankera eskatu. Makiavelo, adibidez, duela urte batzuk Iparraldean filosofiako irakasle izatea suertatu zitzaidanean eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak dituen egitarau estuei muzin egin ezinik, Nikolas Makiavelok pentsamendu politikoari egindako ekarpenaz kasu egin behar izan nionean ezinbestean, ez zen alferrikako gauza izan alafede! Baina, dena den, ez genuen bere estilo literarioa landu. Izan ere, Makiavelori esker politikaz hitz egin daiteke egun erabiltzen den zentzu hertsian, zeren aldez aurretik, greziar zaharrak kasu, politika edozein gizarteri buruzko zereginarekin alderatzerik bazegoen ere, Erdi Aroan politika eta Elizatik agindurik zetorren portaera morala kasik sinonimotzat har zitezkeen. Florentziakoak bere idazlanak argitaratuz geroztik, ordea, politika modernoa hasi ohi da. Orain, literaturaren estiloaz aitzakia, hona hemen, Makiaveloren testuek eragindako gogoeta pare bat. Zorionez euskaldunok aspaldidanik irakurtzerik izan genuen, Iñaki Azkunek egindako Printzearen itzulpenean, estatu modernoetan “ezin direla borrokak irabazi mertzenarioak erabiliz”. Makiavelok askatu zituen, beraz, politikaren eta etikaren arteko loturak nahiz Estatuaren eta Eliza katolikoaren arteko intzestu harremanak. Beraz, handik hona, literaturaren hizkera ez da “politikoki zuzena” ezta botere politikoen menpekoa eta, halaber, ezin dugu literatura “mertzenarioa” egin, alegia, funtzionariotzak, hezkuntzan bezala, ezin diola literaturaren zereginari baleko erantzunik eman. Georges Bataillek zioskun moduan, hizkuntza literarioak ez baitu “ezertarako balio” eta bere balio horretan baitatza. Beste ikaspen bat dakarkigu Makiavelok, edozein indar edukita ere, sinesgarritasunean datzala boterearen oinarria... baita literaturarena ere. Baina, funtsean, filosofiari dagokion idazkera eta literaturari legokiokeen idatz tankera ezberdinak dira. Alde batetik, biak hizkuntza komunikatibotik aldendutako kodeak dira. Hizkuntza arruntak hitza, ahoskatzen den neurrian, ustezko adierazitakoaren itzulpena izan arren eta, jakina, bizitzarekin loturik dagoen heinean, dagoenaren aldarria izaten da. Idazketa literario-filosofikoa, berriz, “asmatzeke” dagoen hizkera da. Literaturak, ohiko erreferentzia sinbolikoei segida eman beharrean, haiek apurtzen ditu eta, zeregin horretan, estilo literarioa dugu behar den hizkera aitzindari hori. Literaturak, berez, bere genesia badu ere, ez du historiarik; izatekotan egileen historia egin ohi da, eta, bere funtsean, historiarik gabeko literatura egitea da erronka. Hornidurarik gabeko testu soilak. Handiustetik haragoko idazkera sotila da literaturari dagokiona. Formaz arduratzen den esakunea da hizkuntza literarioa, polisemikoa (pansemiotikoa esango luke R. Barthesek), bere irakurlearen zain dagoena, baina ez zerbait zuzenean komunikatzeko, gogoeta sorrarazteko baizik. Filosofian ez bezala, literaturaren esanahien artean norberak bilatu behar du zentzua, adierazitakoa ez baita azken adierazpena, inoiz “hurrengo” adierazle berri baterako abiapuntua baizik. Gure garaian literaturaren funtzioren bat badago, irakurle bakartiarengana jotzea izango da, berez irakurtzen baitu, eta ez ustez beste balizko interesengatik. Bizitzan, literaturan bezala, balioak lotura estua du idiosinkrasiarekin, zentzua abian jartzeko abiapuntua baita. Ez da kasualitatea: historizistek, denok gizartearen historiak gainditzen gaituela uste dutenek, literaturako pertsonaiak orrialde bateko ikurtzat hartzen dute, eta ez besterik. Komunikabide elektronikoek, haien azkartasunari eta hedakunde zabalari esker, irakurketa eta literatura baztertzeko mehatxua egiten duten garai honetan, zehatz eta mehatz aztertu behar da nola irakurri behar den eta zergatik; azkenean, prozesu horretan aurkituko dugulako nola idatzi behar den. Bere unerik onenetan, literatura horrek zentzugabekeria arruntetik askatzen gaitu, eta idazletzaren errepublikara eramaten gaitu, oso gutxitan arina dena eta, askotan, kezkagarria. Ingelesezko zentzugabekeriaren maisulana Lewis Carrollen liburuak dira. Frantsesez, Samuel Becketten testuak. Euskaraz, Koldo Izagirre (barka beza)... Irudimenezko literaturaren balioa erakutsiko digu Hamletek: ez nola hitz egin besteekin, baizik eta nola hitz egin norbere buruarekin. Hamleti ez zaio inori entzutea interesatzen. Haren bidez, Shakespearek erakusten digu literaturak konpromiso bat duela, identitaterako funtzio erabakigarria dela hizkuntza idatziaren erabilera dela medio. Estetak besterik ez direnentzat, bizitzaren pertzepzio, sentipen eta kontzientzia arazoak literaturaren ikuspegitik argitzen ziren, orain hori dena egin ohi duenak metatestuez egiten du. Magrittek ez omen zuen pipatzen liburuaz, esaterako, Jose Luis Otamendik honako hau idatzi zuen: “Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut poetak ez ote diren pentsalari narrasak, bizitzak hitzak eta adierazmoduak larregi zikindu dizkien filosofo traketsak edo. Mundutik aski urruntzeko gauza izan ez, eta zerura bidean jar zitzaketen karta geografikoak galdu dituzten alderraiak. Edo propio erre egin dituztenak. Edo sekula topatu ez. Baina badira liburuak, poesia eta filosofiaren arteko itxurazko uztartu ezin hori gainditzen dutenak. Hori da Fito Rodriguezen lan gustagarri honek utzi didan ahogozoa. Testu oso laburren bidez pentsamenduen eta hitzen ate-leihoak eskaintzen zaizkigu, nahi beste ikusi eta barnera gaitezen. Gogoeta mamitsua hemen eta txinparta edo hitz joko zirtolaria aurrerago. Topikoen, uste eta mito onartu askoren herrena jartzen digu begi bistan Rodriguezek zorrotz, umoretsu. Umoretsu. Pentsamendua eta hizkuntzaren hainbat zirrikitu dira, bizitzaren aldera etzanak. Egungo gizakiaren neurriko harri bitxiak aurkitu izana iruditzen zait. Estimatzen diot liburu honi gogoetarako, pentsamendurako giltza horren gertu, horren eskura jartzea. Eta horren atsegin emana.” Ez dakit nik Otamendik leporatzen didana erdietsi ote nuen nik nire liburu horrekin baina, zalantzarik gabe, “pentsamendurako giltza” izan dadin literatura egitea izan da, hasiera-hasieratik, nire helburuetariko bat. Liburu bera aitzakia, berriz, hauxe idatzi zuen beste poeta batek, Igor Estankonak: “Sorpresa eta nahasmen gozoa sortzen dituzte Magritteren koadroek, edo hori sentitzen dugu askok behintzat. Logikaren gaineko azterketak diruditen margolanek harrapatzen gaituzte. Hankak lurrean eta burua bere lekuan ote dauzkagun galdetzen duen artea da belgikarrarena, ametsen transkripzio hutsetik harago doana. Txalapartak argitaratu liburu honek ere transkripzio lan bat dirudi, kasu honetan filosofiarena. Berez diziplina hain beharrezko hori baztertzeko joera eduki arren, polito aurkeztuta gustura irakurtzen diren liburuak dira ardatz gogoeta dutenak. Idazle-irakurle dialektika dagoen dudan jartzeko modukoa izan arren, merezi du ahalegintzea. Irakurlea da gehienetan testuaren jabetza duena eta, nahita zein nahi gabe, elkarrizketa oro zapuzten duena. Batzuetan aztoratuta sentitzen garelako eta besteetan gure esperientzien galbahea estuegia delako, denok izaten ditugu antzeko sentipenak gisa honetako liburuen aurrean: “guk ulertu duguna” da azken batean balio duena. Agian hori saihesteko eta zurruntasun itxura ekiditeko, era zoli eta umoretsuan idazten du Fito Rodriguezek. Ni behintzat erdi engainatuta heldu naiz azken orrialdera. Ez diot beldurrik filosofatzeari, ezta berba grekoei ere, baina hainbeste gozatzea susmagarria da ia. Edo lorpen bat gogoetari ihes egiten zaion sasoi hauetan. Espazioaren tratamendua, bestalde, zainduta dator. Izan ere, orrialde bakoitzaren azpialdean kokatzen diren gogoetak dira testu gehienak. Ez ditut, inola ere, esaten direnak gutxietsi nahi, baina liburuan hain zabalak diren hutsuneak esaldiak eurak baino garrantzitsuagoak iruditu zaizkit askotan. Pintzelkada bat aurkeztu eta orrialdearen hutsunea zuretzat uzten du, pentsa dezazun. Batzuetan liburua paparrera eraman eta begiak itxi behar izango dituzu, irakurle. Zure miseria filosofikoan beratzen jarriko zaituzte zenbait pasartek. Eta txarrena da ez direla kosmosari buruzkoak, baizik eta gaur -Euskal Herrian, edonon- erantzun barik dauden galderei buruzkoak. Liburuak makulu filosofikoak ematen ditu, makulu eta guzti trokatik behera erortzen utziz. Liburu erraza izan ez arren, fruitu ederrak ditu zain sakontzeko ahalegina egiten duenak. Filosofia inora ez daraman gurpil handi bat jarri ziola aitatzen du Koldo Izagirrek hitzaurrean. Baina bera konbentzitu zuen bezala konbentzituko du edozein liburu honek. Ez al zen filosofia hausnarketa kritikoa, taldekoa bezain pertsonala? Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa gogoangarri haren orrialdeak pasatzean sabelean sentitzen nuen zirrara berbera sortu dit, beste modu batean. Sarrik kultura tradizionala eta modernoa eskematikoki bereizten zituen. Lehena orri koadrikulatu batetik gora zihoan lerro bat zen. Bigarrena zirriborro bat, egungo kultura desordenatuaren adierazle. Nahaste-borraste hau ulertuko duenik ez dago, baina Magrittek ez omen zuen pipatzen honetan marra batzuk botatzen dira alde desberdinetarantz. Gero gure hautua izango da zeini jarraitu. Eta noraino.” “Idazle-irakurle dialektika dagoen dudan jartzeko modukoa izan arren, merezi du ahalegintzea” zioen Estankonak eta, halaber, horretarako idatzi nahi izan dut nik. Baina, idazletza mota bateko bidaia bada ere, helmuga horretarako iritsi ahal izateko, ni behintzat, artista surrealisten arteko bira egin behar izan nuen ezinbestean. Eta, zehazkiago, Parisen Dubuffeti buruzko erakusketa zabaldu zutenean hara joan nintzen, 2001ean. Bertan, nola- bait, XX. mendeko abangoardien isla biltzen zen. Mende berri honen hastapenetan, non gizarte krisialdia, pandemia eta kaosa eguneroko ogia bihurtu zaigun, Dubuffet aitzindaria baino zerbait gehiago dugu artea bizitza aldatzeko bidean ezinbesteko tresna dela aldarrikatzeko. Gainerako mundu aldatzaileen antzera, Dubuffetek erakutsi nahi izan zigun ustezko errealitatearen azpian mugan zegoena. Ekonomian atzeraldia zetorrela, gerra hotsak ozenki hedatzen ari ziren orduko garaian, abangoardien ekarpena heldu zen adierazpen arloa diren arte plastikoetara. Parisen orduan surrealistek antolatutako erakusketak hori guztia dakarkigu gogora. Benetan aitzindariak, jakina, dadaistak izan ziren. Suitza neutralean eta Lehen Gerrate Handiaren itzalean, Zuricheko Cabaret Voltaire zeritzanean T. Tzarak idatzi eta plazaratu zuen dadaismoaren agiria. Errusiar arteak (iraultza sobietarraren suak oraindik berotzen zituen gerraren garai izoztuak...) nahiz frantses arrazionalismoaren aurkako jarrera militanteak Dada zein Cabaret Voltaire izeneko aldizkariak kaleratzea eragin zuten. Dada hitza bera frantsesa dugu eta ‘jostailua’ besterik ez du adierazi nahi. Ildo horretatik, dada arteak testuingurutik at ezartzen ditu bere ekoizpenak, kasualitatearekin jolasean betiere. Gizarte burokratikoaren eta moderniaren modaren aurrean dadaismoak objektu hutsak eskainiko ditu, bere baitan gogamenetik kanpo egon daitekeen mundu oso bati begiratu ahal izateko bidea emanez (M. Duchampen Roue de bicyclette-n bezala, 1913). Ardatz horietan kokatzen dira Man Rayren argazkiak eta margoak. Mundua kosmosa izan beharrean (hau da, baldintza arrazionalen ara- berako ustezko ordenua), irrazionala baita aurpegi ezkutua dena, irrazionaltasunaren aldea azaleratzea da haien nahia. Dadaismoaren jarrera subertsioaren aldekoa baldin bazen ere, arrazoiaren nahiz moderniaren salaketaren bidez batik bat, surrealismoak artea bizitza estilo bihurtu nahi izan zuen, alternatiba politikoa bilakatu, beraz. A. Bretonek emango dio hitz eta teoria bere Manifestua-n (1924). Funtsean, gerra arteko garai haietan tradizioaren kritika eta ametsen garrantzia erabili nahi izan zituzten gizarte berriaren bila borrokatzen joateko. Surrealismoa ez baitzen artea soilik, baizik eta gizarte borroka mota bat ere bai. Gizakia askatzeko, logikaren legeak iraultzeko eta, finean, izaera nahiz adierazpide berriak lortzeko. Apollinaire zenari lapurtu zioten izendapena gizartearen azpian dagoen zapalkuntza, ohikeria eta azalkeria nabarmentzeko. Ildo horretatik, surrealismoa dugu gizarte krisialdi bati aitzindaritza artistikoak eskainitako alternatiba. Saltzerik ez dagoena. Ekimen politikoa, bada. Horregatik, Bretonek berak bota zuen Dalí surrealismotik, bere margoak merkantzia bihurtu zituelako eta bere jarrera politikoa status quo-aren sakralizatzaile bezain defendatzaile bihurtu zelako. Espainiako gerraren ondorioa izan zen, baita Bigarren Gerrate Handiaren atarian ere, baina abangoardia haientzat kolaborazionismoa ez zen onargarria. Literaturan zein margolaritzan automatismoa surrealismoak ekarri zuela egia bada ere, ez dugu ahaztu behar materialismo historikoarekin lotu zela III. Langileriaren Internazionalean sartuz eta Surrealismoaren Iraultza izeneko aldizkaria kaleratuz. Dalíren arte “paranoiko-kritikoa” eta bere oinarri onirikoa gainditurik geratu zen alternatiba figuratibo eta konkretuaren mesedetan. Magrittek irauliko du arte klasikoa bere barne kontraesanetatik, hau da, beren irudikapen gaitasuna kolokan jartzetik. Masson, berriz, informalismoari animismo sinpleenak azaleratzen saiatuko da. Hark kultura global eta kartesiarraren irudikapena salatuko du herri gutxituen totem eta irudi sinpleak aldarrikatuz. Jackson Pollock dugu bide honetatik margolaritza gehien landu duena. Egungo gizarte merkantilistarentzat garatu gabeko kulturak direnak bihurtzen dira, abangoardia horren arabera, aldarrikatu beharreko bizitza nahiz adierazpide. Hortik, beharbada, brutalismoaren etorrera. Arkitekturan horren zabaldurik egon den arrazionalismoaren aurrean, brutalismoak azpian dagoena erakutsi nahi digu zutabean zein habeak begi bistan eta kanpoaldekoa margotu gabe utziaz. Surrealismoaren gizarte alternatiba zena formalismoaren kultur aniztasunaren aldeko jarrera dugu egun brutalismoaren proposamenetan. L. Kahnek sakondutako ikerketetan Pollocken margo informalistetan bezainbeste edan bide du Dubuffeten arteak. Ez da kasualitatea, ene aburuz behintzat, 1985ean zendutako margolari frantziarra Pariseko Pompidou kultur guneak gaitzat hartzea. Berak aldarrikatu zuen estetika kaleko gizaki arruntarena baita, eguneroko bizitzak eskaintzen dizkigun objektuak eta materiak. Haiek dira, era berean, errealismo berriak estaltzen dituenak bere esanahia azaleratzeko. Christo Javacheffek, Floridako Bizkai badiako irlak plastikoz estali zituenean, testuinguru berriaren aukerak ireki nahi izan zituen ohiturak itsututako begien aurrean. Armand Fernandezek berak hori besterik ez zuen egiten bizarrari ekiteko makinak plastikoetan ezartzen zituenean. Hori bera, finean, egin izan dute berriki “Desobedientziaren aldeko taldeek” beren azken ekintzetan (benetako performances edo happening-ak...). Gogoratu, bestela, 2001eko urriaren 14an estalitako Bidasoako irlako monumentua, non dadaismoa, brutalismoa eta abar batera agerrarazten zitzaizkigun. Gerren aurreko aitzindariak (dadaismoa zein formalismoa) agertzen zaizkigu berriro Jean Dubuffeten collageetan. Margolari informalak, pentsaera bakarraren partez kultur aniztasunaren aldeko jarrera... eta estetika brutalista. Izan ere, garai gogor hauetan, pandemien arteko garaian hain zuzen, artea ezin da, besterik gabe, “ederra” izan. Artea gogamena astintzeko arloa dugu. Ez apaindura komertzializatua. Orain, bada, inoiz baino gehiago. Mende osoaren abangoardiak aitzindari eta Dubuffet lekuko. Bestelako munduak asmatzea, sortzea eta partekatzea da Artearen, literatura barne, zeregin behinena. Literatur Nobel Saria 2019an eskuratu zuen Olga Tokarczukek idatzitako Prawick i inne czasy (Antaño deitutako tokia) liburuan, honako elkarrizketa dator: —Hau da “Antaño”-ko muga —esan zuen Rutak. —Hemen amaitzen da “Antaño”. Haratago ez dago ezer. —Nola ez dagoela ezer? Eta Wola, Taszów eta Kielce? Hemendik egon behar du Kielcerako bideak. —Kielce izeneko tokirik ez dago. Gainera, Wola eta Taszów “Antaño”-koak dira. Hemen amaitzen da dena. Izydorek esan zuen: “Hemendik ezin irtetea da beldur gehien ematen didana”. Rutak erantzun zuen: “Ez kezkatu, Izek. Zertarako behar ditugu beste mundu batzuk?”. Ez dakit nerabe maiteminduek beste munduak behar ote dituzten baina literaturaren funtsa, nire aburuz, horretan datza, gureak ez diren beste munduen (barnekoak zein kanpokoak) berria eman ahal izatean. Eta, horrekin batera, Harold Bloomek esango lukeen modura, “literaturak zentzugabetasunera eramaten gaitu, mundu arruntetik askatzen gaitu, eta, halaber, erresuma batera eramaten gaitu, oso kezkagarria den lurretara garamatza. Shakespearek erakutsi zigun literaturak ez duela beste eginkizun sozialik entretenitzeaz gain...”. Hau da, gogoetarako literatura egiten denean ere Otamendik aipatzen duen idazkera “umoretsua” eta Estankonak goraipatzen duen “sorpresa eta nahasmen gozoa” erabiltzen jakin beharra dago. Idazketaren bidez plazaratzen den pentsamendua da honako izen ospetsuen zerrendaren atzean dagoena: Umberto Eco, Vladi- mir Nabokov, André Gide, Román Gubern, Joan Fuster, Enrique Vila-Matas, Joseba Sarrionaindia, Andu Lertxundi, Harkaitz Cano, Markos Zapiain edo Tere Irastortza... gurean. Peter Sloterdijkek dioenez, garai batean erlijioak edo filosofiak pentsamenduari eskaini ohi zion babes formak galdurik, egungo munduaren aurrean “immunizatzeko”, gogoeta egiteko, beste modu berri batzuk aurkitu behar ditugu, bereziki literatura generokoak, ene ustetan. Adibideak Georges Batailleren edo Marcel Prousten idazteko manerak lirateke. Lehenengoaren arabera, idazteak aukera ematen digu zerbait baieztatzeko eta, era berean, ezeztatzeko. Beste modu batez esanda, literatura gezurrak adierazteko bide bat dugu, edo egiantzekoak batik bat... Horrek askatzen digu, bada, idazteko modua. Errealitatean ez bezala, edozein esan jolas bihur baitaiteke idazkera literarioaren bidez. Hura litzateke, beraz, literaturaren sekretua eta, horri esker, pentsamendu askearen abiapuntua, askatasuna ez baita ezer ezagueraren mugetan bizitzeko eta, halaber, ihes egiteko balio ez badu. Ikusten ez dena ikusarazteko balio du literaturak. Gatazkaren muina eta arazoa da, era bertsuan, ideia eta hura azalarazteko balio du gogoetarako idazkuntzak. Literaturaren ardatza, niretzat behintzat. Burutapena ez da kontzeptua, eta ezin da filosofiaren bidez agerrarazi. Otu egitea, burutaldia izatea, insight arazoei bide ematea da. Ez indukzioz ez eta dedukzioz ere ebatz daitekeena. Beste ildo desberdin batzuetatik baina filosofiaren arloan, hura argitu nahian aritu ziren M. Foucault, J. Derrida eta G. Deleuze, ideien idazkuntza ikertzen, hain justu. Ideiak ez baitira asmakizunak, ezta aurkikuntzak ere. Ideia ez da egiaren sinonimoa zeren norbanakoaren hautematetik datorren paradoxa esperientzia dugu ideien iturburua. “Para-doxa”, jakina den bezala, aurre-iritzia, mota honetako testuak idazteko abiapuntua da hain zuzen ere. Raymond Queneauk eraman zuen paradoxa teknika hori azken mugaraino, trufa etengabeak sortuz. René Charrek, berriz, ustekabea ulertarazi nahi izan zuen, edertasunaren bidez aurrekoek erabili ohi zituzten teknika suntsitzaileak alboratuz. Denentzat, aldiz, idaztea arriskuaren bidetik jotzea bihurtu zen; izan ere, Aragonek adierazi zuen bezala, “lanjerosa ez den idazkerak ez du balio”. “Kontzeptua pentsamenduan ez da iritzi soila; aitzitik, iritzia, eztabaida, esamesa izan dadin galarazten du. Kontzeptu oro paradoxa da, nahitaez”, zioen Gilles Deleuzek. Pentsamendu paradoxikoa azpimarratzea eta lantzea, berriz, surrealismoaren ekarpen nagusietariko bat izan da; ene ustez, mundu garaikidean be har dugun gogamena, hain zuzen. Alternatiba erromantikoa Eskola Publikoa ez da Euskal Herriak behar duen eskola publikoa liburuaz idatzitako iruzkin asko iraingarriak izan ziren besterik gabe. Haietariko batek, ordea, izenburua probokatzailea zela hartu zen eta, zerbait kritikatzerakoan, gure pentsamendua aski “erromantikoa” zela utzi zuen idatzita. Ez dut uste, aldiz, inor kalifikatzeko pentsamendu ildoak erreferentziatzat hartzeak gaitzesgarria izan behar duenik, berez. Aitzitik, norbait zinikoa dela esaten denean Antistenesen edo Diogenesen jarraitzailea dela uste dut eta, nola ez, interesgarria iruditu ohi zait beti. Dena den, aipatu erreferentziak ez dira erabili ohi beren zentzu hertsian nolabaiteko ahalkeizun gisa baizik eta, horregatik hain zuzen, haien jatorrizko esanahira joateko beharra ikusten dut. Horixe gertatu zitzaidan erromantizismoarekin eta, bide horretan, noski, Goetherekin topo egin nuen. Goethek idatzitako Fausto mito germaniarra aurkeztearekin batera (“beti-gazte” iraun ahal izatea deabruari saldutako arimaren truk...), etikaren eta estetikaren harreman modernoen berri eman zigun. Etikaren eta idazketaren artean aurretik Makiavelok askatutako soka areagotu zuen Goethek, eta erromantizismoak, haren idazketaz mitoa literatura bihurtuz. Gizakia beharraz nahiz arrazoiaz sentimendua ere badelako, Goethek iraganaren balioa azpimarratu, hautu egitearen patua gogora ekarri, hizkuntzaren nahiz hezkuntzaren balio estetikoak goraipatu eta bestelako bizitzak bizi ahal izateko aukera eman zuen, minak eta, azken finean, heriotzak gizakia ikaratzen duen neurrian, horri aurre egiteko bide literarioa eskainiz. Fausto jakintsua (zaharrak) Fausto eder (gazte) bihurtuz, mundua ezagutzeko moduak zabaltzeaz gain eta, haren aldeko hauturako behar den kemena aldarrikatzearekin batera, idazlearen eta gizakiaren arteko berezko bikoiztasuna aipatzen aitzindari izan zen. Heriorik gabe, akaberarik ezean, ez ginateke larderiaz ibiliko. Faustoren pertsonaiak, berdin literaturan edota antzerkian, operan zein filmetan, horren berri ematen digu. Eta horri buruzko pelikula da Murnauren Fausto, esaterako. Zinema bera sortu zenetik, hizketarako ere gai ez zen garaitik, Fausto film gogoragarrian ez dira hitzak entzuten nahiz eta, noizean behin, hitzak idatzirik azaldu eta pertsonaiek haien artean hitz egiten dutela sumatu egiten den. Goetherena, literaturaren gailur gisa jo izan bada ere, Murnauk zuzendutakoan ez da ia hitzik agertzen. René Clairek zuzendutako La beuté du diable filmak, ordea, mintzatua izan arren, ez du Goetheren historia guztiz agerraraztea lortzen, gertakizun berberaren harian ibili arren. Ezohiko denboraren jarioak sortutako ondorioa da Murnauren Fausto, besteak beste, denborak hil egiten gaituela esaten digu..., baina, dudarik gabe, Faustori buruzko pelikulek literaturaren eta zinemaren arteko harremanez hausnarketa egiteko bidea ematen badigute ere, literaturaz gogoeta egin ahal izateko bidea Murnauren Faustok ematen digu. Horretan datza, halaber, Jorge Luis Borgesen edota Marcel Prousten ahalegin literarioa. Hala, À la recherche... nola El libro de la arena ere idazlearen eta hura den gizakiaren arteko bereizketarako “literaturaren aldarrikapenak” dira. Lehenengoan, idazlearen izen bereko protagonistak (Marcelek), bera ere idazle lanean ari izanik, munduari buruz eskuratzen duen ezaguera ezin du Marcel Proust gizakiak bereganatu idazten ari denean ez bada, zeren eta ezinezkoa izaten baita idazketa dela medio lortzen duen bizipenekiko distantziamendu diskurtsiboa eguneroko bizitzan erdiestea. Bigarrenean, Jorge Luis Borgesek, zahartzaroan, gaztea zen garaiko bere buruarekin egiten du topo..., idazlearen bikoiztasun horretaz hausnartu ahal izateko. Antzerakoa egin izan dute Dostoievskik edo Saramagok literaturan, eta baita Saussurek edo Benvenistek ere hizkuntzalaritzan, literaturak berak erakutsi ohi duen joeraz gogoeta egiteko. Ariketa literarioak, zientziak ez bezala, mundua ulertzeko erabiltzen dugun hizkuntzaren bidezko esanahien berezko bikoiztasunaren berri ematen baitigu (Jakobsonek shifter-a deitu zuena...). Horretaz aritu zen Roland Barthes testu literarioaren aldarri- kapena eginez zientziaren ikuspegiari aurre egin nahian. Pentsamenduak ezin baitira adierazi adierazlea pentsatu ezean eta, horren ondorioz, nahi dena iragarri ahal izateko, idazketaren garrantziari ere, adierazteari buruzko gogamena garatzeko balio duen neurrian, kasu egin behar zaio. Hori guztia ekarri zuen erromantizismoak. Eta hori azalarazteko idatzi nuen nik Faustoren Itzala (Utriusque Vasconiae 2004). Jadanik duela 40 urtetik gora egin nuen ikerlan bateko hipotesiak hartu zituen nobelako fikziorako abiapuntutzat hartu nuen. Alde batetik, Elhuyar anaiak Carlos III. aren alde isilpeko lanean agertzen dira eleberrian. Elhuyar anaia zientzialariei buruz egin nuen ikerketa batean oinarritu nuen Faustoren itzalaren kontakizunaren haria, Utriusque Vasconiae argitaletxeak Egunero irakurtzen delako Sailean argitaraturik. Elhuyar anaiei buruz orain artean zabaldu denaren oso bestelako ikuspegia eman nuen nobelan, Euskal Herriko Adiskideen Erret Elkartea (RSBAP) bitarteko zela, Carlos III.aren aldeko ezkutuko lanean erakusten bainituen. Dan Brownen bestseller ezagunek bezala —The Da Vinci code eta beste—, Faustoren itzalak ere hargin beltzak edo masoiak eta beren elkarte sekretuak ditu argumentuaren ardatz. Gai berari heldu arren, ordea, “guztiz kontrakoa” da, nire ustez, Brownen lanak ez bezala “antiamerikarra” delako. Fikzio lana izanik ere, nireak jorratutako oso oinarri sendoko hipotesia du abiapuntu, eta Martin Anso lagunak eta kazetariak liburuari ezarri zion hitzaurrean azaldu zuenaren arabera, gauza bera uste zuen berak ere. Hipotesi horren baitan, Euskal Herriko Adiskideen Erret Elkarteak Carlos III.arentzat helburu militar sekretuekin lan egin zuen, eta Fausto eta Juan Jose Elhuyar anaiak, laborategian wolframa isolatu zuten lehen zientzialariak, helburu militar horien zerbitzuan aritu ziren lanean. Hortik abiatuta, bi plano nagusi txirikordatzen dituen nobela epistolarra osatu nuen: batetik, Juan Jose Elhuyarrek bere anaia Faustori 1796ko irailean Kolonbiatik idatzitako gutuna dago (zatika emana); bestetik, gutun horren zatiekin tartekatuta, Werther izeneko ikerlariak, Juan Jose Elhuyarren gutun horien aurkitzaileak, 2002an, bideo kamera baten aurrean jarrita grabatutako bideo gutunen transkripzioak. Wertherren bideo gutun horiek gai askori buruzko gogoetarako bideak zabaltzen dituzte: eremu urriko hizkuntzen gainbehera, euskaldunen izaera, unibertsitatearen egoera... “generoen arteko mugalari” agertu zen testua, Martin Ansoren iritziz, “pasarte batzuek saiakeraren itxura baitute nobelarena baino gehiago”. Garaian garaiko idazmoldea landu eta erabili beharraz Friedrich Wilhelm Murnauren Fausto filmeko irudiak atzean nituela egin nuen nobelaren aurkezpena. Magrittek ez omen zuen pipatzen hura bezala Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin genuen liburuaren aurkezpen publikoa, Murnauren filma erabiliz. Ez zen, jakina, motiborik gabe egindako hautua. “Murnauk 1926an zuzendu zuen zinema isileko lan hau”, azaldu nuen: “Hori ere literatura da. Zinematografoa beste idazkera bat baita, beste litera moduko bat. Gaur egun ezin dugu idatzi zinematografoa existituko ez balitz bezala. Egungo idazkerak beste erreferentzia batzuk behar ditu”. XX. mendean beste modu batez idatzi behar delakoan nengoen eta, jakina, orain, XXI. mendean, bestelako batez. Eta horretan ahalegindu nintzen orduan eta ahalegindu naiz orain. XX. mendearen hasieran Azorínek, Unamunok eta beste batzuek nobela txikien edo nivola izenekoen bidea sortu zuten, nobela dezimononiko handiei bizkarra emanez. Zergatik? Besteak beste, beste idazketa bat behar zelako pentsatzeko. Zinematografoaren garaian, irudien garaian, orduan, beste modu batez idatzi behar zen, eta orain, berriz, Instagram, Youtube, Netflix, HBO, Amazon eta smart TV-aren sa- soian, idazkera berriak ere behar ditudalakoan nago. Nobela honetako fikzioaren oinarrian dagoen hipotesia, aldiz, duela 40 urte Habanan egin zen Zientziaren Historiari buruzko I. Kongresuan sortu zitzaidan gaztelaniaz. Mexikoko Puebla Unibertsitateko Elementos aldizkarian argitaratu zen lan hura, eta gero euskaratu nuen pentsatuz egokia zela literatura libururako, baina, berez, ikerketa dokumentu bat da. Horregatik “fikzioaren partea” baino ez dut jaso liburuan eta euskaraz horren berri eman nuen Uztaron 2004an (Elhuyar anaiak, wolframioaren isolamendua eta Espainiako koroarekin zituzten harreman sekretuak). Ideia horretatik gauzatzen joan zen nik geroago saiakela deitu nuen artefaktu literario hau. Izan ere, Peter Weissen ikuspegian oinarritutako lana egin nahian, literatur dokumentua eginez, alegia, ekin nion Faustoren itzala saiakela idazteari, orain dela urte batzuk. Literaturak ideia bat jartzen duelako gure aurrean, hain zuzen. Eta ideia kontzeptua ez denez, ideia bizitza da, ideiak sentimenduak ere baditu, ideiak eragina du guregan. Ideia hori nola ikusi, nola txirikordatu literaturaren bidez gauzatzen saiatu nintzen. Ez dut erantzunik gabe utziko gogoeta: Nik funtsean irakurle gisa lan egiten dut. Idazten baldin badut, irakurle naizelako da, eta hain juxtu idazten dut ideia bat daukadanetik ideia hori gauzatzen den bitarteko tartean nola geratzen den ikusteko, eta lehena izateko irakurtzen eta berrirakurtzen, nola geratzen den ikusi ahal izateko. Zinemagile gisa izan zuen krisialdi batean, Jean Renoir zinemagileak zeramika landu zuela gogoratu beharra dago, eta garai hartan Renoir labean sartutako pieza nola ateratzen zen ikusteko irrikan geratzen zela, bere ideia nola gauzatzen zen jakiteko gogoz. Literaturan, ideiak nola gauzatzen diren ikustea interesatzen zait niri, dokumentuen gainetik, bizitzaren inguruan, sentsazioen eta sentimenduen inguruan, ideiekin txirikordatzen baitira. Ene aburuz, egungo idazkerak irudia eta beste erreferentziak jaso behar ditu eta, Martin Ansok liburuaren hitzaurrean dioen moduan, nire Faustok pasarte batzuetan nobela itxura baino gehiago saiakerarena du... baina, neronek ere ez nuen oso argi hau nobela bat ote zen. Beraz, Martinek idatzitakoekin, seguruago sentitzen naiz nobela bat delakoan. Azalduko dut gehixeago zer esan nahi dudan, zera, zinematografoak ere beste idazkera mota bat du. Esana dago baina, berriro diot, gaur ezin dugu idatzi zinematografoa, bideoa eta gainerako irudi plataformak existituko ez balira bezala. Egungo idazkerak irudia eta beste erreferentziak jaso behar ditu. Literatura dokumentu bat egin nahian ekin nion nik idazlan honi. Idazlan honek, hasiera batean, beste gehigarri bat zuen, lehen esan bezala, duela berrogei urte Habanan Munduko Zientziaren Historiaren lehenengo bilkura egin zenean, Elhuyar anaiei buruz nik aurkeztutako ikerketa. Gero Mexikon argitaratu zen hura, La Pueblako unibertsitatean. Habanan nengoela ezagutu nuen bertan bizi zen Xoxe Neira Vilas idazle galegoa eta komunista. Haren etxean egon nintzen wolframi buruz hizketan (Faustoren itzala-n agertzen zen gaiaz) eta istorio asko kontatu zizkidan mugalariek Galiziatik Portugalerako ibai eta mendiak zeharkatuz frankismoaren zelatak gainditzeko zer-nolako komeriak burutzen zituzten nazien aurkako borroka sustengatzeko azalduz, baita Kubako marinelen bidez Bilbotik Gabriel Arestik nola igorri ohi zizkion bere olerkiak kontatuz. Idazle handia izan da Xoxe eta Kuban, lanerako, gazteleraz idatzi arren, bere lan literario guztiak galegoz idatzi ohi zituen Habanan. Bada, aipatu ikerketa euskaratu nuelarik hasi nintzen pentsatzen mota honetako idazlan literarioetarako ere egokia zela; baina, berez, dokumentu gehiegi zegoenez liburuan, fikzioaren partea bakarrik agerrarazi nuen. Dokumentua, bere osotasunean, Udako Euskal Unibertsitateak argitaratu zuen Uztaro aldizkarian, jakina. Fikzio arloan, berriz, liburuaren aurrekaria izan zen testua Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko “Alberto Magno” zientzia-fikziozko literatur lehiaketan aurkeztu nuen eta aipamen berezia lortu zuen 1992an. Garai hartan ez zegoen, orain bezala, bi hizkuntzatarako aukera, eta bakoitzak idazteko ofizialak ziren bietakoen artean nahi zuena aukeratu bazezaken ere, tradizio eta ospe handiko lehiaketa izanik, gazteleraz mundu osotik jasotzen zituen narrazioak zientzia fikzioan egile zailduek bidalita; euskaraz, berriz, ez zegoen horrenbeste tradiziorik, tamalez. Halere, jakin badakit nire testu horren bueltan aritu zirela epaimahaikoak “aipamen berezia” eman ahal izateko. Ordutik aurrera, aldiz, lehiaketak bi sari ditu, gazteleraz eta euskaraz. Testu hura Zorroagan argitaratzen zen Iralka aldizkarian kaleratu nuen. Iralka-n ere azaldu ziren nire itzulpen batzuk (Kafka, Thomas Bernhard...) eta baita beste saiakera txikiak ere. Denboraren poderioz, argitaletxe bihurtu zenean, Jerusalem, Xalimen hiria (2008) gaztelerazko ordaina kaleratu nuen hartan (2010). Nik Udako Euskal Unibertsitatean 1984an argitaratu nuen lehenengo liburua: Mintzamena eta erreala izenburupean. Hartan, hiru irakurgai bildu nahi izan nituen mintzamenari buruzko gogoeta baterako. Apailatzailea izateaz gain, nire ekarpena libururako aski literarioa izan zen jadanik eta, horretaz gain Joxemartin Apalategiren, Txelis Alvarez Santacristinaren eta baita Victor Gomez Pinen testu filosofikoak ere lotu nituen. Ezohiko argitalpena izan zen, saiakera literarioaren bidetik garatzen ziren burutazio filosofikorako ekarpenak. Beraz, hogei urte geroago Izagirrek aurkitu zuen idazlearen hazia hor zegoen orduan, nire ustez. Beraz, nola definituko nuke nire lan hau? Bada, ikerketa gainean egindako artelana, zeramika bezala, non istorio ezberdinak elkartzen diren XXI. mendean behar den idazkera, saiakela, lantzen hasteko. Horretarako Elhuyar anaien gaineko errealitateak fikzionatu nituen. Izan ere, Elhuyar anaia ospetsuei La Bascongadan, Euskal Herriko Adiskideen Errege Elkartearen itzalean sortutako Bergarako Errege Mintegian, XVIII. mendean, bizitzea egokitu zitzaien gorabeheretan oinarrituta dago. La Bascongada, antza denez, Espainiako Koroaren aginduz helburu militar sekretuekin lan egin zuen erakundea baino ez ei zen, eta Joan Jose Elhuyar sekretu horien zerbitzuan lan egin zuen zientzialaria. Gauzak horrela, elkarren artean etengabe lotuz joaten diren bi hari ditu Faustoren nobelak. Lehenengoak, Joan Jose Elhuyarrek Fausto anaiari Kolonbiatik bidaltzen dizkion gutunaren zatiek osatzen dute. Haietan, Elhuyartarren sekretua eta garaiko giroa aurkituko ditu irakurleak: Ilustrazioa, erromantizismoaren hastapenak, Inkisizioa, masoneria... Bigarren haria, berriz, gure egunetan Ipar Europatik Euskal Herrira etorritako gazte baten istorioak osatzen du. Gazte horri, Upsalako unibertsitatean noizbait aurkitutako Elhuyarren gutuna bidaltzen dio bere aitak. Eta dokumentu hori dela eta, bizi behar izaten dituenen berri ematen du berak grabatutako bideoen bitartez. Txalapartak ez zuen nobela hau argitaratu nahi izan, ezta Susak edota Elkarrek ere. Horregatik hasi nintzen harremanetan Utriusque Vasconiae argitaletxearekin eta, egia esanda, lehen hartu-eman honi esker beste liburu batzuk kaleratu ditut haiekin ordutik hona. Utriusque Vasconiae argitaletxearen eta bion arteko elkarlana adeitsua izan ohi da beti. Haiek garbi izan dute beti euskal letretan saiakerak pisu berezia merezi zuela, eta saiakera literarioari ateak ireki zizkioten hastapenetatik poesia edo narrazioa ere lantzen zuten bitartean. Liburuak, objektu fisiko gisa, landu dituzte. Faustoren itzalaren azala, esaterako, nire anaiak (arturo/Fito rodriguez ) egin zuen eta, gerora ere, azal bat edo beste, Fakenews-ak ez dira atzo goizekoak ( 2019), adibidez, neronek diseinatu izan ditut. Aukera hori ez da huskeria, egileok maite baitugu, ahal dela, guk sortutako produktuen bidea bukaeraraino ematea. Horrela, Biktimari agurka (2012) kaleratu genuenean Faustoren itzala zabaldu zen sail bertsuan argitaratu bagenen ere, tamaina askoz txikiagoan merkaturatu genuen, biktimei buruz bertan agertzen ziren testuak apal, umil eta xeheak ere bazirela fisikoki erakutsi nahian. Faustoren itzalaren itzulpenak bi edizio desberdin ditu gaztelaniaz: Ed. Hiru (2005), Hondarribikoa, Alfonso Sastre lagunaren hitzaurrea eta guzti, eta Ed. Arte y Literatura (2008), Habanakoa. Beste bat dago alemaneraz argitaraturik (Der Schatten Fausts, 2016). Hauetan guztietan, halere, galtzen da jatorrizko bertsiorako Martin Anso adiskideak egin zuen atarikoa, ederra bezain iradokitzailea, zinez. Ederra izan zen, halaber, testurako eginiko ikerketa sortu zen toki berean, Habanan, horren bertsio literarioa bertako Liburu Azokan aurkeztu ahal izana. Kuban liburuak maite dituzte. Kultura handiko jendea da eta asko irakurtzen dute. Hango Liburu Azoka gure Durangokoa baina hamar aldiz handiagoa da eta ez da horren “kontsumista”, nolabait esanda, baina liburu aurkezpenak, debateak eta abar oso biziak eta esanguratsuak izaten dira. Nik liburu hau “El morro”n Che Guevara zenak zuen bulegoan aurkeztu nuen eta, esan beharrik ez dago, sekulako esperientzia izan zen. Gainera, bidaia honen karira, aspaldiko beste gogaide eta irizkide batekin, Joseba Sarrionandiarekin, elkartzeko aukera izan nuen eta, beste hark idatzi zuen moduan, “huntaz eta hartaz” mintzatzeko parada ere eduki genuen. Der Schatten Fausts, berriz, Samuel Tannhäuserek eraman zuen germanierara. Merezi arren, bere abizenaz ez dut ezer esango, ezta joko literariorik ere egingo. Itzulpena lasaia izan zen eta, azkenean, forma aldetik, nire Faustok behar zuen alemanera zaharreko estiloa lortu zuela dirudi (Elhuyar anaien arteko gutuna hitanoaz idatzita baitago, Lazarragaren euskarak erakutsi digun gisan). Samuel Alemaniatik oso urrun jaio zen (Ginea Papuan) eta hango hizkuntzetako batean hezi zen txikitatik. Bere aita misiolaria izanik, Biblia luteranoaren hizkera bereganatu zuen eta, Erasmus dela medio, Euskal Herriko Unibertsitatera filosofia ikastera etorri zenean, ez zuen batere arazorik izan euskaraz ikasi eta erabiltzeko. Urteetan ibili zen Fausto itzultzen eta, azkenean, nahi zuena burutu zuen ederki. Bera zen, nolabait, nire eleberriko Werther pertsonaia... Erasmus dela bide kanpotik zetorren eta euskaldundu zen balizko ikasle hura, beste argitaldariek ezinezkoa zena ihardetsi zidatena... Faustoren itzala eleberria, berez, gutun literatura moduko artefaktu literarioa da, eta horri erreparatu zion Gerardo Elortzak batxilergo literatura liburua apailatu zuenean, euskal literatura berrian ezohiko egitura berezia duela azpimarratu baitzuen. Behinola, Max Frischen Homo Faber eleberrian, Joxe Austin Arrietak egindako euskarazko bertsioa, “hori eleberri puska! nork irakurriko ote zuen?” pentsatu nuen. Martutene-n erakutsi moduan Ramon Saizarbitoriak irakurrita zuen jada, jakina, baina Joxe Austinek egindako itzulpenak ez du berau irakurtzea trabatzen, aitzitik. Inpresio hau ere agertu genion: “Nago, euskal irakurle berriak oso urrun daudela mundu nahiz eta literatur genero horretatik”. Faustoren itzala eleberrian, antzera, nonbait. Zer dute amankomunean Homo Faberek eta honek. Aldeak alde, berez, ez dute zer ikusia, ez bada biak literatur kritikari zaildu batek (Mikel Asurmendik) lotzen zituela. Hots, Faustoren itzala pentsamendua eta saioa generoarekin lotuagoa zegoela eleberria generoarekin baino esan zuen Mikelek. Eta, halaber, aspaldidanik literatur saioa eta pentsamendua krisian daudela gurean. Pentsamenduan eta historian oinarritutako eleberriek sorrarazten ote dute literaturzaleengan ekarpenik? Batek daki, nolako irakurle halako erantzuna, noski. Egia esanda, egileen nahiz irakurleen gustuak ezaguturik, Faustoren itzala eleberriak ez zuen irakurle “arruntaren” arreta bereganatu. Ez omen zen garaiko literatur moldea eta mota, alajaina. Izan ere, eleberriak gutxieneko edo askotako jakintza maila eskatzen baitzion irakurleari: hala Joan Jose eta Fausto Elhuyar anaien ibileren nola zientziaren zale izatea. Eta historia gustukoa izateaz gainera, Elhuyar anaiek wolframaren isolamendua eta espainiar koroarekin zituzten harremanen sekretuak deskubritzeko tentatuak izan. Eta horrezaz bestera, Goethe idazlearen Faustoz ere apur bat bederen jakin behar zuen irakurleak. Goetheren Fausto, Faustoren sekretua; eta Fausto, Elhuyarren sekretua izan daiteke. Eleberri honek badu literaturatik: badu argumentua, badu ironia, baditu historiako hariak, benetako historia eta fikziozko historia, literaturarena alegia, lotzen baititu, baita txirikordatu ere. Werther Goetheren nobela aitzindariaren izenburua da. Eta Wherter dugu Faustoren itzalaren protagonista nagusia, Ipar Europatik Euskal Herrira etorritako gaztea. Bestea berriz, Fausto Elhuyar. Faustoren itzala-n benetako gertaera historiko bat dago. Nik, fikzioaren bitartez agerrarazi nahi izan nuen balizko egia. Ba al dago egia fikzioaren bidez agertzea? Baiezkoan nago. Egia edo fikzioa gure desio eta interesen arabera da. Printzipioz, historiako gertaerak ez dira sekula errealak izaten. Errealitatea denboraren joanean ahitzen baita, eta espazioa bera denboraren bilakabidean, itxuraz gutxienez, eraldatu. Zerk egin dezake gertatua sinesgarri? : Literaturak. Literaturak, berriz, bere tresnak behar ditu, magia, eta hau idazlearen esku dago. Eskura izanda ere, aurreko beste lanetan erabilitakoak, apika, ez du balio izaten betiko. Beraz, lantzearen poderioz, hizkuntza bera hala nola argumentua eraikitzeko moldean asmatu eta gaiari egokitu behar zaizkio. Faustoren itzala eleberriak osagaiak baditu: erromantikoei nola eszeptikoei gauaren erdian eguzkia antzeman daitekeela frogatu dielakoan nago. Gure aitaren etxea defenditzea ez dela aski erakutsi ere. Defenditu badugu, lehenik berau definitu beharra dugula argudiatu ere. Baita, esango nuke, euskaldunok gure itzala deabruarekin itauntzeko gertu paratu digula ere. Baina, zer itzal eta zer itzalondo, gure arima Jainkoak alokatuta bizi bagara? Jainkoa ukatzen dugun une beretik hasiko gara eraikitzen eta! Mota honetako inpresioak partekatu nituen, eta ditut, Mikel Asurmendi literatur kritikariarekin eta, haren jardunaren eraginez edo, literatura kritika ere hasi nintzen idazten. Oinarrian gustukoak nituen idazleak hautatu nituen eta, eskarmentuaren arabera, nire intereseko gaiak eta aztertu nahi nituen idazteko estiloak ere hartzen hasi nintzen kritikarako. Horrela heldu nintzen, esaterako, Belen Gopeguirengana eta, zehazkiago, literaturaren bidezko juzgamendu politikora, bere bosgarren eleberriaren bidez (El lado frío de la almohada, 2004), non idazkera ez dela deskribapena soilik argi utzi zidan. Eleberrian, ezinezko amodio istorioarekin batera, Kubako iraultzari buruzko hausnarketa eskaini zigun liburu berean, niretzat ahalegin interesgarria zena. Izan ere, Espainialdean, ez bide diotelako horri gogoetaren zantzurik antzeman, eta ohiko literatura kritikariek Gopeguik Kubaren apologia egiten zuela zioten. Esanguratsua. Nobela hori kaleratu arte Belen Gopeguiren nobelagintzan ekarpen formalak azpimarratu nahi izan zituztenak (Rafael Conte, Ignacio Echevarria, Francisco Umbral...) eta beren iruzkinak argitaratzen zituen arloko prentsak (El País, Revista de Libros, El Mundo...) izan ziren liburu honetan haren kritiko zurrunenak, nahiz eta izkribuan betiko idaztankera erabili. Idazle gisa ezagutzen genuenetik (La escala de los mapas, 1992) idatzitakoarekiko distantzia hartu beharra aldarrikatu nahi izan zuen Gopeguik. Hau da, hala hautatutako eleberriaren egituraz nola hitz lauez ere, narrazioaren bidez idazleak irakurleari literaturaz elikatzen ari zela gogoratu beharra hautatu bide zuen. Adierazitako distantzia hura lortu ahal izateko, El lado frío de la almohada, horren kritikaturik izan zen liburu honetan, istorioa bera eta protagonistak egunkariko zuzendari bati bidalitako gutunak nahasten ziren, nire Faustoren itzala eleberriaren antzera, gutun literatura moduko artefaktu literarioa osatuz. Eskutitzetan Laura Bahiak, Kubako zerbitzu sekretuetan diharduen neskak, Philip Hull AEBetako diplomatiko batekin daraman amodioari buruz idazten du. Maitasunaren bilakaerak (Hendaian elkartuko dira bi aldeetako zelatarien begietatik ihesean...) garrantzia eduki arren, Kubako iraultzak dituen zailtasunei buruzko gogoetak munta handikoak ditugu eleberriaren jarioan ere. Goian esan bezala, Gopeguiren ohiko estilo magiko bezain hotza, aurreko Lo real (2001) Espainiako trantsizio politikoaz eginiko nobelan bezala nabarmentzen dena, dastatu dezakegu El lado frío de la almohada horretan baina, gure harridurarako, betiko literatur kritikek ez zuten kasu honetaz idatzitakoekin alderaturik zerikusirik. Antza, Grignon eta Passeronen testuen arabera, bi irakurketa tankera daude: etikoa eta estetikoa. Irakurle etikoak liburuaren edukiari kasu egingo lioke ustezko ikuspegi pertsonal eta mugatu batetik, formak eskaintzerik duena baztertuz. Inplikatua geratuko litzateke, beraz, istorioarekin bat eginik. Iruzkinak egiten dituen irakurle estetikoak, berriz, bere aldetik, testuaren egiturari zein formari erreparatuko lieke, istorioari berari baino gehiago. Harekin gozatu edo haserretu, baina argumentuak besterenganatzen duen esperientzietatik harago betiere. Ohiko antinomia honetan, beraz, irakurle arrunta etikoa litzateke eta aditua, aldiz, estetikoa. Pierre Bourdieuk frogatu zuenez, bada, ustezko irakurle estetikoak kultur arloan interes bereziak borrokatu behar dituen langileak besterik ez diren neurrian, haren irakurketa ohitura nahiz praktika guztietan ere inplikazioa badu, eduki, aipatzen ari naizen honetan, Kubaren iraultza dela medio, argi geratu zen bezala. Gopeguiren literaturak ez du deskribapen hutsean geratu nahi, ezta aukeratu eta garatu nahi dituen egoeren ulermenean ere; hausnarketaren bidez, juzgamenduak eragin nahi ditu. Gopeguiren idazkera nahiz estetika politikoa ere badugu. Bere hautua da, eta ez atzo goizetik bakarrik. Ez du inoiz ezkutatu. Baina literatura politikoak, berea bezala ona denean, etsai politikoak diren ustezko kritikari estetikoak agerian uzten ditu. Horratik ikasi nuen, goian esan bezala, kritikarien nahiz irakurleen gustuak ezaguturik ere, nire Faustoren itzala eleberriak irakurle “arruntaren” arreta bereganatu ez arren literatur moldea eta mota ez omen baita garaiari zegokiona, horixe zela nik idatzi eta zabaldu nahi nuen literatur tipoa. Eta horretan dihardut ordutik hona. Irudiak eta hitzak Nola irakurri eleberri bat? Maitasunez, hartan azaldutako hitzen bidez gure amodioa ostatatzeko gai bada; eta kontu handiaz, gure denbora- eta espazio-mugen irudi bihur daitekeelako, eta, hala ere, bedeinkazio proustianoarra ematen duen neurrian, bizitzaz gehiago gozatzeko aldarria geureganatuz. Beste behin ere, irakurleak aukeratu behar du transzendentzia sekularreko irudi baten aurrean edo espiritualaren asmaera baten aurrean dagoen. Irakurleak azken irudi ausarta eta bizi-bizia sortu behar du beti, eta bere espiritu sortzailearentzat zeruaren eta infernuaren antinomiak izango dira irudi haiek. Aldi berean, poesia bezain antinomikoa eta norberaren buruan fidagarriak. Itxuraz garrantzia duen irudi hori unerik anbiguoena da eta heriotza adierazten du. Bizitzaren amaiera. Baina, era batera edo bestera, sorkuntza prozesua izarren formarik naturalenaren antzera ere murritz daiteke: bat-bateko irudi bizia, unitate desberdineko tximista batean eraikitakoa eta berehala harrapatuak, gogamenaren eztanda batean. Idazleak bere eraikitze- lanari ekiten dionean, esperientzia sortzaileak esaten dio zer saihestu behar duen itsu-une jakin batzuetan, zeinek, noizean behin, idazle handienek ere konbentzionalismoaren irudiekin lotzen baitituzte. Joyceren Ulises-en garagardo upelen irudiak, Dublinek esportatzen duen merkantzia nagusiak, hondartzan dabilela, Ste- pheni edandako garagardo beltza iradokitzen dio: “Arroken adaburuetan, klokea: flop, slop, slap: upeletan sartuta”. Irudia zaratek eta hitzek ekar ditzakete gogora. Halaber, Hainesen amesgaiztoak, nolabait Bloomen irudia aurresaten dio Stepheni. Eta honetaz guztiaz gozatzerik badugu Xabier Olarrak egindako itzulpenari esker (2015). Nire liburuetarako horrenbeste azal egindako anaia artistak (Arturo/Fito Rodriguez) burututako komikiaren itzulpena izan zen euskal literaturari eman nion lehenengo ekarpena, Bihotz irratia izena zuena, eta Susak, oraindik argitaletxea ez zenean, kaleratu zuen tamaina txikiko aldizkarian. Abiapuntu horrekin erraza da antzematen irudien eta hitzen arteko harremanari eman ohi diodan munta modu literarioan idazten hasi nintzenetik. Hitzen eta irudien arteko hartu-eman hura argitu nahian joan nintzen 2003an Parisera Magritteri buruzko bilduma berezia ikustea. Parisko Jeu de Paume galeriak haren margoen eta idazkien erakusketa antologikoa antolatu zuen horri magia zerion non, Magritteren irudiak eta hitzak gure zain zeuden Konkordiako obeliskoaren itzalean. Bulevar Saint Germain-etik gertu dagoen Dama eta Adarbakarraren estalkietako irudien aurrean bildutako ibiltari nekatuak Erdi Aroko misterioak ulertzen saiatzen diren era berean ahalegintzen ziren Jeu de Paume-ra gerturatuko diren bisitariak marrazkiei antzematen zaiena entelegatu nahian. Dama eta Adarbakarra irudia hormak estaltzeko Erdi Aroan erabili ziren sei tapizetan agertzen da errepikatua, beste elementu batzuk ondoan dituela. Inor gutxik daki zehatz-mehatz errepikapen haiekin artistak zer irudikatu nahi izan zuen eta, ondorioz, hamaika interpretazio egin izan dira horretaz. Magritteren arte semantikoak ia mila urteko historia baduela ematen du. Erakusketa bietan, margoek azalarazten dituzten errepikapen eta kontraesanez gain, aditu nahi izanak agintzen du. Erdi Aroak edo Surrealismoak eskatzen duen arreta ez da adimenerako ariketa zirtzila izaten. Halere, bakarrik errealitate arruntetik at aurki daitekeen hautematea da hura. Arimaren ezohiko egoera edota kontzientzia birmoldatua ote den batek daki, baina Parisen beha izan genuen hartan, Magritteren esku. Erakusketara sartu bezain laster, berriz, ez zen margorik ikusten, eskultura baizik (La Joconde izenekoa). Gioconda hura, ordea, ez zen emakume baten irudikapena, hiru estalki eta Magrittek horrenbeste maite zituen kriskitinetako batez osatutako arte- lana baino. Artista belgikarrak ohi zuen gisan, hala izenburua nola irudia, behin baino gehiago aurkitu genuen kontraesanetan bere obretan. Atariko brontzezko eskulturak (1967koa), adibidez, bikoizten zuen zazpi urte lehenago, gai bera zela eta, eginiko margoa. Hauxe zen, erakusketari amaiera emateko urte bereko izenburua daraman margoarekin batera, bildumaren hurrenkera kronologikoaren irizpidea apurtzen zuen gutxienetariko bat. Lanen biltzailea izan zen Daniel Davadiek zioen, Beaux Arts magazinean, erakusketaren agurrerako Paul McCartneyren Au revoir idatzita zeraman sagarra nahi zuela lortu bertan jartzeko, baina beatle ohiak ez zion baimenik eman eta Le dernier cri (azken oihua?!) hautatu behar izan zuten bukaerarako, ezinbestean. Errepikapenak erkatzea eta hitzen eta irudien arteko kontraesanak agerraraztea joera ohikoa izan da Magritterengan. Ia bere logotipotzat hartu izan den piparen irudia, adibidez, etengabe ibili zen margotzen bizitzan zehar. Izenburu berarekin (La trahison des images, Irudien traizioa) honako hauek ezagutzen dira gutxienez: 1929, 1935 eta 1952ko bertsioak. Beste izen batzuekin, berriz: Les deux mystères (Bi misterioak, 1960) eta L'air et la chanson (Haizea eta abestia, 1962), gai bertsukoak dira. Joera honek idazle askorengan izan zuen eragina eta hori zela-eta saiakerak idatzi zituzten, besteak beste, bere lagun surrealistak izan ziren Bretonek eta Eluardek, Butor, Scarpetta eta Phi- lippe Sollers arte kritikariek, Foucault filosofoak nahiz Henri Michaux poetak. Erakusketa honetan, aldiz, bi izan genituen, funtsean, Magritteren artelanetan erredundanteak diren imajinak: Le thérapeute (Terapeuta), eta L'empire des lumières (Argien inperioa) izenekoa. Azken honek, hogeita hamar urteren buruan izan dituen bertsio ezagunetatik (1948, 1950, 1953, 1954, 1958...) hiru aukeratu ziren Jeu de Paume-ra ekartzeko, denak elkarren ondoan ezarriz. Ideia oso egokia deritzot honi, zeren, Magritteren ahaleginaz ohartzeko urrutiko museoetan barreiatuta dauden errepikapenak (guztiz berdinak inoiz ez direnak, bestalde...) bildu ahal izanak aukera ematen zuelakoan nago. Ezin esan, hala ere, hautaketa hau gauza berria zenik. Izan ere, irudi haietan oinarriturik, adibidez, idatzi zuen Pere Gimferrerek En el tiempo de Magritte izeneko entsegua, belgikarraren margolaritza poetikoa aldarrikatuz eta, esan bezala, L'empire des lumières- en bertsio ezberdinak erkatuz. Ez genuen, bada, Jeu de Paume-ko horretan antolaketa berezirik aurkitu. Aitzitik, ordena kronologikoa klasikoa zen oso eta, ene aburuz, ez zion Magritteren estiloari onik egiten. Ezin ukatu, ordea, horretarako lan asko metatu zenik eta, akademikoki bederen, garai guztietakoak aurki zitezkeela (surrealista, Renoir, fauve-vache, kontzeptuala...) baina, nire ustez beti ere, bilketak ez zuen Magritteren proposamen artistikoa helarazten uzten. Artistak zioenez, “dena hartu beharra dago umorez kontrae- sana izan ezik”, baina erakusketa honek Magritteren emana antolatu nahi izan zuen eta, agidanean, kontraesanak leundu, argitu eta ordenatu museo barruan. Halere, museoak eman izan ez zuena kaleak eman zidan, hantxe geundela den-dena itxi behar izan zuten eta. Georges Bushek Irak bonbardatzeko hartutako deliberoa zela medio, Irakeko Golkoaren I. Gerratea hastear zegoen, eta Frantzian hala gobernua nola iritzi publiko osoa erabaki horren kontra zegoenez, itxialdiak eta manifestaldiak konbokaturik zeuden ni bertan nengoen egunetan eta, egia esanda, izugarri handiak izan zirenez, museoak, tabernak, dendak eta abar hustu eta kaleak bete ziren. Beraz, Jeu de Paume ere itxi zuten, ni ia bertan harrapatuta, kanpora bota gintuzten eta, gurekin batera, museo barruan leundu nahi izan zituzten kontraesanak ere kaleratu ziren. Bizipen honetatik sortu zen Jeu de Paume izeneko nire bigarren saiakela. Jeu de Paume nobela eta aldi berean saioa dena idatzi eta aurkeztu nuen, gertatutakoak eta haiek eragindako gogoetak kontatu nahian. Oraingo honetan ere generoen arteko mugalari bihurtu nintzen. Izan ere, Jeu de Paume, itxuraz, nobela da; mamiz, berriz, saiotik hurbilago dago. Eta, berriz ere, urte batzuk lehenago argitaratutako Magrittek ez omen zuen pipatzen hartan bezala, margolari belgikarraren ikonografia eta filosofia erabili nituen nire burutazioen abiapuntu, makulu edo aitzakia gisa, hitzen eta irudien arteko harremanei kasu berezia eginez. Hitzaurrea, aldiz, aspaldiko laguna zen Jose Luis Alvarez Santa Cristinak, orduan Algecirasen preso zegoenak, egin zuen. XVIII. mendean Giza Eskubideen Gutuna aldarrikatu zuten iraultzaileei aterpe eman zien Parisko frontoi zaharra da Jeu de Paume. Egun museo bat da, eta bertan egin zuten 2003an lehen aipatu dudan Rene Magritteri eskainitako erakusketa antologikoa. Argumentua, ostera, honakoa da: Estatu Batuak eta Britainia Handia Irak bonbardatzen hasi ziren egunean bertan, Galder erakusketa ikustera joan da. Bat-batean, ondoezik sentitu da eta, komunean zegoela, konortea galdu du. Iraken kontrako erasoa salatzeko manifestazioak direla-eta, museoa ohi baino lehen itxi dute, korrika eta presaka, zokoak behar bezala begiratu gabe. Konortea berreskuratu duenean, bakarrik eta museotik atera ezinean dagoela ikusi du Galderrek. Hori da Jeu de Paume-ren abiapuntua. Galderren egoerak eta Magritteren lanek niri hainbat gogoeta plazaratzeko bide eman zidaten. Beraz, ez da nobela, ezta saioa ere, nik neronek, erdi txantxetan, “fikzio-net-a” izenarekin bataiatu nuen generoa baizik. Izan ere, hasiera batean testuak eta irudiak modu digitalean Rodriguez Fundazioaren webgunean argitaratu nituen liburua osatu izan aurretik. Artista belgikarraren lanak ere liburuan bertan daude erreproduzituta koloretan. Alde horretatik, ahalegin berezia egin behar izan zutela esan zidan Eider Rodriguez Txalapartako argitaratzaileak, baina, esan beharra dago, bera argitaldari moduan ondoan edukitzea luxu handia dela eta kolaborazio emankorra lortu genuela. Aurkezpen ekitaldian, bat ez ezik, bi laguntzaile ere izan nituen, Jose Luis Alvarez Santa Cristina eta Koldo Almandoz, hurrenez hurren. “Lehenengoak, tamalez, ezin izan du etorri”, ohartarazi zuen Eider Rodriguezek, baina liburuan hitzaurre gisa argitaratutako testu bat, behintzat, bidali zuen. “Denok gaude zorretan Rene Magritterekin, aldez edo moldez” —dio Alvarez Santa Cristinak—. Sinboloen eta irudien indarraz eta bikoiztasunaz maisuki ohartarazi gintuen. Errealitateari begi berriez so egiten irakatsi digu bere obra ezagutzeko parada izan dugun guztioi, askok berarekin duten zorra aitortu ez arren. Fito Rodriguez ez da esker gaiztokoa, ozenki eta ageriki erakusten baitu bere inspirazio iturria” dio atarirako bidalitako testuan. Bere ekarpena, halere, azkenean argitaratu zena baina askoz luzeagoa zen, eta liburuari buruz iruzkin kritiko zorrotza eskaini nahi zuen; hori bera bezalako edozein irakurlek egin behar zuela esan genion, baina; irakurketa gauzatu aurretik ulermenerako bide guztiak arakatuz gero balizko irakurleari irakurketa bera baldintzatuko ziola azaldu genionean, bere hitzaurrea modu “laburrean” kaleratzea onartu zuen. Beraz, Fito Rodriguezen saiakela, aldez aurretik sarean Rodriguez Fundazioak zabaldutakoa, argitaratu zuen Eider Rodriguezek... Magritte bera pozik legoke! “Magritteren margolanek — jarraitzen du Txelis Alvarezen idatziak— logika hertsien eta murriztaileen legeak apurtzen dituzte maiz, munduaren muina ulertzeko beste logika bat badagoela iradokiz eta erakutsiz. Fito Rodriguezen gogoetak eta berau egituratzeko era idazle bide bertsutik doaz. Arruntenak eta materialenak diruditen gauzak sinbolismoz beterik ageri zaizkigu”. Koldo Almandoz zinemagile eta The Balde aldizkariaren koordinatzaileak liburua aurkeztu zuenean, berriz, aitortu zuen Magritteren obragatik ez zuela interes berezirik sentitu, harik eta nire Magrittek ez zuen pipatzen irakurri zuen arte: “Orduan deskubritu nuen artista belgikarraren koadroek ezkutatzen duten botere iradokitzailea”. Baina aurkezpen ekitaldian parte hartzea onartu baldin bazuen, ez zuen horregatik onartu, gonbitan “hitzaren eta irudiaren arteko harremanaz hausnartzeko” aukera ikusi zuelako baizik. “Hitza eta irudia gerra moduko batean bizi omen dira —esan zuen Almandozek—. Horren adibidea da zinema. Hitzik gabeko filmetan ezer ez dela esaten ematen du. Aldiz, film batean hitz asko dagoenean, badirudi irudiari ez zaiola garrantzia ematen. The Baldekook, berriz, ez gatoz horrekin bat, eta horregatik egiten dugu egiten dugun aldizkaria”. Almandozek ohartarazi zuenez, “hitza eta irudia banatuak agertzen zaizkigun arren, mundu bereko bi isla dira”, eta, bere ustez, Magritteren lana da “hitza eta irudia modu natural eta iradokitzaileenean uztar daitezkeen adibiderik argienetako bat”. Bestalde, Koldok maite duen sorkuntza mota “kontatu baino gehiago iradokitzen duena” dela esan zuen, “ikusle edo irakurleari parte hartzen uzten diona” eta “forma aldetik ere erronkak hartzen dituena”. Eta horregatik iruditzen zitzaion Jeu de Paume eta gisa honetako liburuek bazutela zeresanik. Nik, nonbait, esan beharrekoa esaten nuela uste zuen Koldo Almandozek: “sakontasuna galdu gabe, baina aldi berean oso modu entretenigarrian”. Aurkezpena egin ondoren gure auzoan bizi den beste idazle batekin egin nuen topo eta Koldo Almandozen hitzak irakurri zi- tuela esan zidan, baita honako hitzak ere gehitu: “Ez pentsa Koldo Almandozek liburuen aurkezpenetarako ekitaldietara joateko baietza horren erraz ematen duenik...” eta, nire motzean, ulertu nuen. Kasu horretan, baten ordez bi aurkezle izanik, nahiago izan nuen nire liburu horri buruz labur hitz egin. Hala ere, hiru “hitz gako”, behintzat, aipatu nituen: adi, adiera eta adiskide. “Adi, zergatik? Honatx, bizitzan, gizakia izateko, lehenik animalia izan behar delako, eta animaliak, animalia izateko, erne daude, bestela, abereak dira”, esan nuen. Adiera, bada, hitz gakoa da, azken finean, gauzen adiera bakoitzaren azpian zer-nolako zentzua aurkitzen dugun, hori da kontua. Nik ez dut uste Filosofiaren zeregina egia, zoriona edo ez dakit zer bilatzea denik, bizitzaren zentzua bilatzea baizik. Adiskide, azkenik, hitz gakoa da batzuei, gauza sinpleenez ari direnean ere, ez diedalako ulertzen; beste batzuei, aldiz, ados egon naiteke edo ez, baina ulertu egiten diet. Hori da adiskidetasun harremana, eta horretaz idatzi nahi nuen. Beraz, liburua irakurtzean, adi egon beharra dago, gauzen adiera desberdinen artean zentzua bilatu ahal izateko. Eta adiskideak kontuan hartu behar dira, zeren eta adiskideak, amarruak egin ditzaketen arren, adiskideak diren neurrian, ulertzen baititugu. Hori da Jeu de Paume-k proposatzen duen jokoa”. Baina Iban Zalduak, adibidez, ez zuen jokoa behar bezala ulertu eta liburuari buruz kritika batzuk plazaratu zituen Volgako batelarien literatura blogean. Hona hemen kritika hura bere osotasunean: Zenbait ohar solte eta parentesi arteko Jeu de Paume liburuaren inguruan. Iban Zaldua/Volgako Batelariak, 2006-06-22. “a) Etorkizunerako egitasmoa, Jeu de Paume irakurri ostean: berriro ere literatur genero tradizionalen purutasuna aldarrikatzen hastea eta hibridaziorako joera hain posmoderno hura deitoratzea, batez ere nobela eta saiakera nahastera bideratuta dagoena. Milan Kunderak, Julian Barnesek, Jon Alonsok edo Enrique Vila-Matasek (besteak beste) konbentzitu egin gintuzten, garai batean, nahasketa horren bertuteez, baina efektua hondatzen ari dira egile horien usteko ondorengoak. b) Jeu de Paume, asmoz behintzat, ildo horretan kokatzen baita, nobela-saiakerarenean edo, hobe esanda, saiakera nobelizatuarenean. Ekuazio zabar batekin ahalegintzearren, nik esango nuke Jeu de Paume dela: % 60 printza filosofiko-pentsamenduzkoak + % 30 santuak (zehazki Magritteren koadroen erreprodukzioak) + % 10 nobela (zapore kafkar urrunekoa). c) (parentesi bat) Oso abila, baina iruzurti samarra, Txalaparta argitaletxeko Hitzak & ideiak propaganda-aldizkarian (31. zbk., 2006ko uda) Fito Rodriguezen saiakera-nobela berriaren publizitatea egiteko erabiltzen den autoritatezko argudioa: “Ibon Egaña kritikariak idatzi bezala (Berria 06/03/28), ‘arrazoizkoa dirudi Jeu de Paume irakurri eta Jon Alonsoren Camembert helburrekin akordatzea”; arazoa da Ibon Egañak ondoren esaten zituen guztiez ahazten direla Txalapartakoak. Edonola ere, generoaren balizko (auto)adskripzioaz eta ilustrazioen presentziaz gain, ezer gutxik lotzen ditu Camembert helburu (lan nabarmengarri bat) eta Jeu de Paume. d) Nobelatik duen % 10 horren trama laburbilduz: morroi bat, Galder, Pariseko Jeu de Paume museoan geratu da entzerratuta, kanpoan Irakeko gerraren kontrako mobilizazio global hura gauzatzen ari den arratsalde berean. Handik ateratzeko ahaleginak egin ordez, eta Magritte margolariaren atzera begirako erakusketa baten koadroen aitzakia lausoaz, bihika eskaintzen dizkigu burutik pasatzen omen zaizkion filosofia eta psikologia zertzeladak. e) Bilbe nobeleskoa aitzakia hutsa da, eta gehiegi nabaritzen da. Ez dago tentsiorik, egoera erabat absurdoa da eta ematen du egileari behin baino gehiagotan ahazten zaiola zertan ari den bere narratzailea; irakurleari noizean behin gogorarazteko ahaleginak berak hondatu egiten du “sinesgaiztasunaren etete” posible oro. Adibidez, Eumenideen auziaren inguruko iruzkin luze baten ondoren, eta Inperioak zapalduei irudimena nola ebasten dien aipatu eta gero, hala dio narratzaileak: “Irudimena behar dut nik, ordea, hemendik irteteko. Behar beste lasaitu eta pentsatu egin behar dut. Ez dit inork irteera non dagoen erakutsiko erakusketa honetan. Begi bistan ez dagoen bidea asmatu beharra daukat. Ni bainaiz, zoritxarrez, istorio honetako protagonista bakarra”. Eta hori esanda, jakina, hurrengo orrialdeetan zehar civitasen eta Inperioaren arteko aurkakotasunaren gaia jorratzen hasten zaigu narratzailea. f) (parentesi artean hau ere) Egoera absurdoek, dena den, ez dute zertan literarioki sinesgaitzak izan halabeharrez. Lehen Kafka aipatu dut; Karlos Linazasoro batek oro har ez luke arazorik izango halako paisaia bat literarioki kudeatzeko. Baina Fito Rodriguezek ez du asmatu, nire uste apalean. g) Edonola ere, narratzailearen peripeziari gertatzen zaion kontu bera dugu irudien eta testuaren arteko harremanari dagokionean: oso zirkunstantziala izan ohi da. Batzuetan lotura hori sakonagoa da edo hobeto harilkatuta dago, Le clef des songes olioaren iruzkinari jarraitzen dioten azalpenetan esaterako, baina gehienetan ez. Adibidez, bonbardino bat sutan aurkezten duen koadroaren irudia agertzen zaigun orrialdean, esaldi honek egiten du lotura: “Aitzinean dudan La Belle Captive olio-pinturan bezala, sutan nago”, eta punto. Edo “Erakusketa honetan, nolabait, ispiluaren beste aldean nago ni eta, Aliziak bezala, hemendik ihes egin nahi dut. Le miroir vivant” (ondoan dagoen koadroaren izenburua). Horrelakoak dira irudien eta testuaren arteko zubigintza-ahalegin gehienak. Azalekoak. h) (beste parentesi bat) Egokitu zaidan liburu honek planteatu didan arazo gehigarria: ez naiz batere magrittezalea, zer egingo zaio. Errua, ziurrenik, ez da gainera Magritterena, publizitateak eta margolaritza surrealista kitschak egin duten haren irudien eta eskemen gai hustiaketarena baizik. Baina aipatu beharrean aurkitzen naiz, nire kritika (edo dena delako) honetan eragina izan dezakeen heinean. i) Fito Rodriguezek eskaintzen dizkigun pentsamendu-zertzeladak laburrak eta irensterrezak dira (Aritz Galarragak “pintxo” deitzen zien bere kritikan); gorago aipatutakoez gain zentzumenen teoriak, beldurraren paperaren inguruko hausnarketak, gure barneko eta kanpoko munduaren arteko zubiak, suizidioa, hizkuntzaren eta errealitatearen arteko harremanak, artearen eta ezagutzaren zereginak, multikulturalismoa eta aniztasuna, enpirismoa eta idealismoa, epikureismoa eta sofismoa, filosofia eta zientzia, zorionaren arazoa, sexua eta plazerra... Gehienetan gai horietaz mundu klasikoan eta batik bat Grezian garatu ziren teoria eta eztabaidetan oinarritzen da Rodriguez azalpenak emateko eta bere kezkak plazaratzeko orduan. Platon eta Aristoteles dira, ziurrenik, liburuan zehar gehien aipatzen diren egileak. j) (parentesi artean once again) Niri, filosofia-irakurle oso iaioa ez naizen arren (kasu honetan errua nirea da), topiko asko ezagunak egin zaizkit, eta gutxi batzuk berriak eta are dibertigarriak (ez nuen, adibidez, Trajano enperadorearen anekdota ezagutzen: Suetonio irakurtzeko gogoa sartu zait). Baina, edonola ere, onartu behar dut saiakera-nobelaren formatuak abantaila bat eskaintzen diola hala ni bezalako filosofia- irakurle ez bereziki arretatsuei nola, batik bat, egileari: aparatu kritiko osoaz (oin-oharrak, bibliografia) paso egin daitekeela inolako beldurrik gabe, eta, gainera, sigi-saga ibili ageriko konexiorik gabeko gaien artean. Horrek, zalantzarik gabe, margolanen erreprodukzio ugariekin batera, asko arintzen ditu testuaren 122 orrialdeak. k) (beste parentesi bat, aurreko parentesiaren barnean joango litzatekeena) Horrekin lotuta, egileak narratzailearentzat aukeratu duen idazkera estiloak (zuzena, esaldi laburrak) on egiten dio testuaren irakurgarritasunari, oro har, eta hori, ez ohikoa izateaz gain, edo horregatik alegia, oso da eskertzekoa liburu eta egile honengan. l) (eta parentesien barneko parentesi hauen azkenekoa, zin egiten dut) Penaz jabetu naiz, halere, sofistei buruz Rodriguezek —edo, tira, Galderrek— darabilen ikuspegia betiko ortodoxia filosofikoarena dela. Niri sofistak sinpatikoak iruditzen zaizkit, Savaterri bezala. Baina, jakina, agian horixe da arazoa... m) Hau guztia esanda, kritika ahalegin honen hasierara itzultzen naiz: ez al zen eraginkorragoa izango era “klasikoagoan” eta egituratuagoan idatzitako saiakera filosofiko arin bat, gaiak huts egindako nobela batean txertatzea baino? Edo, inoiz fikzio izateari utzi gabe, eztabaida filosofikoak distilatuko lituzkeen nobela bat osatzea? Hau zailagoa da, zalantzarik gabe, baina posible da. Justu Jeu de Paume hasi baino lehen amaitu nuen Ian McEwanen Larunbata (Sábado, Anagrama argitaletxean). Nobela-nobela da, hibridotasun asmo izpirik gabekoa: neurozirujau baten egun oso bat kontatzen digu (kasualitatez, Rodriguezek aukeratu duen egun berbera, gerraren kontrako manifestazio globalena, baina Paris izan beharrean, Londres da jokalekua). Bada ausartuko nintzateke esatera Larunbata-n, beste gauza askoren artean, agertzen direla Rodriguezek bere nobela-saiakeran ukitzen dituen arazo filosofiko batzuk (enpirismoarena eta arrazionaltasunarena, artearen helburuarena...), baina era sotilagoan eta aldi berean sakonagoan aztertuak. Hori guztia, erabat higatuta eta krisi etengabean dagoen eleberriaren tramoia zaharra dela medio. Larunbataren irakurketak itzuli zidan, une batez sikiera, nobela hutsaren posibilitateekiko konfiantza. Eta Jeu de Paume-renak berretsi egin dit konfiantza hori. Beste une batez.” Jeu de Paumeren kontrako horrenbeste argudio irakurri ondoren, bistan da niri ez bezala, barkatu, Iban Zalduari, haren hitzetan behintzat, “Jeu de Paumeneko protagonista den Galderri ez bezala (baina bai Savaterri, ordea), sofistak sinpatikoak iruditzen zaizkiola”, zeren kritika dena sofisma handia da (parentesiak eta guzti) eta Galder liburuaren protagonistaren aburuak Fito liburuaren egilearen iritziekin identifikatu egiten dituela ezertan ez bereizi gabe. Zalduak idazten du: “egileak narratzailearentzat aukeratu duen idazkera estiloak (zuzena, esaldi laburrak) on egiten dio testuaren irakurgarritasunari, oro har, eta hori, ezohikoa izateaz gain, edo horregatik alegia, oso da eskertzekoa liburu eta egile honengan”. Eta aurrerago, berriz: “eraginkorragoa izango zen era “klasikoagoan” eta egituratuagoan idatzitako saiakera filosofiko bat, gaiak huts egindako nobela batean txertatzea baino?”... Nola erraztu, bada, testuaren irakurgarritasun arrunta era klasikoagoan idatzitako saiakera filosofikoan, ordea?, gainera, kontuan hartuta, “Zaldua bezalako filosofia-irakurle ez bereziki arre- tatsuei” zuzenduta? Idazle horri, nonbait, zail egiten zitzaion irudiak eta hitzak nahasten dituen artefaktu literario esperimental hori behar bezala ulertzea eta bai gozatzea ere, eta ohiko narratiba klasikoaren alde lerratu zen. Baina idazleok, berdin poeta aforistikoak edota arnas luzeko nobelistak, ez dugu hari bat garatu behar soilik, literatura guztia ez baita ipuingintzan laburbiltzen, baizik eta, musikarien antzera, doinuz eta erritmoaz ere garatu behar ditugu gure idazlanak partitura konposizio bat balitz bezala, hau da, erregistro ezberdinak txirikordatuz, antolatuz baita, elipsien edota errepikapenen bidez, eta nahiz Ibanek adierazi “Horrelakoak dira irudien eta testuaren arteko zubigintza-ahalegin gehienak. Azalekoak”, elipsiak ez ulertzeak ez dio bere iritzia orokortzeko baimenik ematen. Areago, aipatutako liburuaren aldeko kritikak argitaletxearen aurka jotzeko erabiltzen dituen neurrian: “ Oso abila, baina iruzurti samarra, Txalaparta argitaletxeko Hitzak & ideiak propaganda-aldizkarian (31. zbk., 2006ko uda) Fito Rodriguezen saiakera-nobela berriaren publizitatea egiteko erabiltzen den autoritatezko argudioa: “Ibon Egaña kritikariak idatzi bezala (Berria 06/03/28), “arrazoizkoa dirudi Jeu de Paume irakurri eta Jon Alonsoren Camembert helbururekin akordatzea”, izan ere, ohiko izaten baita argitaletxeek beraiek kaleratutako liburuen aldeko iruzkinak zabaltzea eta inork ez luke esango hori praktika iruzurtia denik; Iban Zalduak izan ezik, nonbait. Nik, aldiz, liburu hau dela medio, orduko Txalapartako argitaldaria, Eider Rodriguez, lanean eta gertutik ezagutzeko parada eduki nuen eta oso ederra izan zen haren literaturzaletasunaz topo egitea. Asko ikasi nuen eta ez nuen aurkitu bere praktikan inolako iruzurrik. Nire lanean, gertuko distantzian, idazle asko ezagutu ditut. Zorroagako garaian, esaterako, Vicente Molina Foix, Fernando Savater, Felix de Azua, Marisol De Mora Charles, Victor Gomez Pin, Javier Echeverria, Javier Fernandez de Castro, Victor Sanchez de Zabala, Tomas Pollan, A. Bidon-Chanal, Javier Arantegui eta abar luze bat, baina haiek, Victor Gomez Pinek izan ezik, euskara ez zuten ezagutzen eta euskal kultura ezagutzeko ere ez zuten batere interesik. Ez zen harreman simetrikoa, noski. Gure jakin-minak ez zuen beraiengan gure kulturan murgiltzeko batere gogorik piztu. Haien kultura “mundutarra” omen zen eta gurea, beraientzat behintzat, tokikoa bakarrik. Habib Burguibaren menpeko Tunisian, 1968 baino lehenago, M. Foucault, G. Lapassade eta beste hainbeste ezkerreko intelektual frantziar bertako unibertsitatean elkartu zirelarik, Frantzian zeudela uste zuten eta haien eskolek kultura mundutarrari begira (Frantzia buruan eta bihotzean) eman zituzten, tokiko kulturari batere arreta eskaini gabe eta, jakina, frantsesez bakarrik. Berdin ibili ziren Savater eta enparauak garai hartan gurean. Denboraren poderioz haietariko batzuk, Savater bera eta beste batzuk, Felix de Azua kasu, ustezko indiferentziatik euskal kulturaren kontra eta zentralismo atzerakoien alde gero eta gehiago nabarmentzen joan ziren. Sofistak. Zorroaga ahora Ibaeta idatzi nuenean nire lagunez eta nire etsaiez harro nagoela nioen. Hau da, ohore bat da niretzat, nire Doktorego Tesiaren defentsan, esaterako, Pello Salaburu hain bortitza izatea nire aurka (edo nire ikerketaren aurka? ; Fitoren edo Galderren aurka?) eta, tesia gainditu ondoren, horri buruz gaizki esaka aritzea Deia-n Amatiño (ez dut uste tesi bati buruz beste inoiz halakorik gertatu denik...). Halaber, nire kontra (edo nire idazkien kontra?) Jon Juaristi, Patxo Unzueta, Koldo San Sebastian edota Fernando Savater azaldu badira ere, bejondeiela... ni pozik. Iban Zalduari, Savaterri bezala, sofistak sinpatikoak iruditzen zaizkio, eta nire Jeu de Paume horrekin, bada, ez omen nuen asmatu eta Txalaparta iruzurtia da... ni pozik. Ibanek dio: “Baina, edonola ere, onartu behar dut saiakera-nobelaren formatuak abantaila bat eskaintzen diola egileari: aparatu kritiko osoaz (oin-oharrak, bibliografia) paso egin daitekeela inolako beldurrik gabe, eta, gainera, sigi-saga ibili ageriko konexiorik gabeko gaien artean. Horrek, zalantzarik gabe, margolanen erreprodukzio ugariekin batera, asko arintzen ditu testuaren 122 orrialdeak”. Egia da Txalapartak, Eider editore, apustu handia egin zuela testuekin batera kuatrikromian argitaratutako margoak kaleratzean, eta biziki eskertzen diet hura baitzen nire ahalegina hain zuzen ere, hitzen eta irudien arteko kontraesanak azalaraztea irakurketa mota berri bat proposatuz. Saiakeran saiatzeko gida (2005) idatzi nuen Euskal Idazleen Elkartearen enkarguz Jeu de Paume aurkeztu genuen garai bertsuan eta, ondoren, hura garatuz Entsegu literarioaren bidean (2011), eta baita Egan-en Saiakera literarioak idazteko aholkuak (2013) mota horretako genero literarioaren historia, didaktika eta aparatu kritikoa eskainiz. Aparatu kritikoa niretzat funtsezkoa izan da, eta sortu ohi ditudan ikerketetan, liburuetan edota eskoletan nahiz hitzaldietan modu ugarian darabilt, baina saiakela delako hauetan, aldiz, hori dena pisutsu bihurtzen den neurrian, ez bide da erabilgarri eta, jakina, alboratu beharra dago, nahita, ondorioak eta guzti. Eleberriaren eta saiakeraren arteko mugak apurtu nahi nituen nik Jeu de Paume liburuan. Parisko Jeu de Paume museoan giltzapeturik geratu den gazte baten gogoetak ardatz harturik, aipatu museo horretan eta Magritte pintorearen margoak izango zituen lagun gazteak ahalbideturik. Hala, literatura eta Magritteren pinturak harilkatuta, honek pinturan hitza eta irudia uztartzen zituen modu naturalean eta hori egiten saiatu nintzen Jeu de Paume liburuan. Sakontasunik galdu gabe, istorioaz baliatuz modu entretenigarrian hori dena kontatu ahal izateko. Mugak hautsi nahi nituen, egiazki. Nobela da, saiakera da, hitza du, irudia du, eta guztiek bat egiten dutelakoan nago. Gainera, irakurleak parte hartzen du interpretazioan. Definitu gabeko eremuan sar dezakegu, bada, Jeu de Paume, eta horretan datza, hain justu, bere interesa. Magritteren artelanen botere iradokitzailea lortu nahi nuen libururako. Hitzez hitz, liburuaren muinaz jardun behar badut zera esango nuke: pentsamendua —sentitzea eta pentsatzea, alegia— adiera bakoitzaren azpian aurkitutako zentzua dela eta, zentzua aurkitzea, alegia. Parisko Jeu de Paume museo bat da, baina garai batean frontoia izan zen, eta bertan XVIII. mendeko iraultza egin zutenek Giza Eskubideen Adierazpena adostu zuten han; Nafarroatik eramandako joko baten espazioan. Paume —frantsesez ahoskatuta— esku-huska ala sagarra izan daiteke; Magritteren sagarra. Eta hor dago, hain zuzen, adiera interpretatzeko jokoa. Esatearen eta erakustearen mugak azaltzen zaizkigu adieraren bila gabiltzanean. Adiskideek kale egin diezazukete. Baina, adiskide diren neurrian, ulertzen dituzu. Eta hori da liburu honek proposatzen zuen postura. Arestian esan moduan, Parisko Jeu de Paume museora joan nintzen 2003ko apirilean, Magritteren erakusketa antologikoa ikusteko. Iraken aurkako erasoa hastear zela-eta, manifestazioa zegoen antolatua egun horretan Parisko Konkordia plazan (liburu honen aurrekari digitala izan zenak Konkordia bila izenburua zuen...). Horregatik, eguerdirako museoa itxi zutenean garaiz ateratzea lortu nuen. Ez, ordea, Galderrek. Galder, dagoeneko jakina denez, Jeu de Paume liburuko protagonista da (eta, noski, ez dakigu neska ala mutila ote den). Zorabioak jota museoko komunetan geldituko da Irakeko inbasioaren kontrako manifestazioagatik museoak ateak ixten dituenean. Magritterekin giltzapeturik geldituko da. Galderrek, bere itxialdiaren aterabidea eramangarriago gerta dakion, Magritteren koadroak hartuko ditu gogoetagai: Le miroir magique, L'Espion, Le Bon Sens, La Mémoire irudiok segurtasuna zertan oinarritzen den, gizalegearen hastapenak zein diren, bortxaren arabera antolaturiko gizartearen nondik norakoak zein diren... hausnartzeko bide izango ditu Galderrek. Hots, arteak Descartes, Kant, Nietzsche edo Sartrerengana eramango du. Magritteren margolanetan ikusten duenaz, beraz, bere buruari hitz egingo dio Galderek, ez nik... Esan bezala, bizitzan zein testuetan, aukera ezberdinen artean zentzua bilatu behar baita. Gomendio hori egiten dut nik neure liburuaren aurrean. Izenburutik beretik, agerikoa ez den zentzua bilatu beharra dagoela. Eleberriaren eta saiakeraren arteko hibrido honek, halaber, hitza eta irudia josi nahi zituen. Magritteren koadroetatik abiaturiko hausnarketa filosofikoak Magritteren beraren koadroekin janzten dira. Magritterekiko interesik izan gabe ere, demagun Modigliani edo Lautrec espresionistatik gertukoago izanda ere, nahiz eta estetikoki Magritteren koadroek erakarri ez, hitzaren eta irudiaren arteko aipatu kontraesana beti antzeman behar zaio edozein artistaren koadroek ezkutatzen duten botere iradokitzaileari, eta horretarako Magritteren koadroak baliagarriak dira, baleko lanabesak besterik ez izan arren. Irudia eta hitza mundu bateko bi isla direlako eta, erronka ekartzen duen sorkuntza gustuko izatekotan, Jeu de Paume, sakontasuna galdu gabe —pasadizo batzuk birritan irakurriz— modu entretenigarrian saiatu nintzen idazten filosofoen gorabeherak eta datu historikoak balizko irakurle adimentsuak egingo lukeen irakurketan konfiantza harturik. Haren hermeneutikaren bila. Garai hartan, Paul Ricoeur hil zenean, berarekin batera hermeneutika berria piztu zitzaigun. L'Hermaeutique biblique izan zen bere azken liburua (2001), Wilhelm Dilthey zenaren arrastora egin zuena. Bera genuen, ordea, ohiko literaturak irakurtzeko erabili ohi ziren hala formalismotik, historizismotik nola estrukturalismotik at arituriko aitzindari lehenengotariko bat (Origine et développement de l'herméneutique, 1947). Eta bien atzean, jakina, Gadameren itzal luzea. Beraien aburuz, XX. mendearen hastapenetan idatzi zutenez: “adierazpenaren bidezko hautemate prozedurari ezaguera deritzogu”. Hau da, testuei buruzko ezaugarrien gainetik (idazle bakoitza zer-nolako pentsamendukoa den barne...) adierazpideak giza ezagutzaren oinarriak direla aldarrikatzeak eta testu hutsak norbanakoaren esperientziarekin alderatzeak literaturaren balioaz hausnarketa berri bati hasiera eman zioten: hermeneutikari. Hermeneutika hau, baina, ez litzateke izango, Antzinarotik Erromantizismora bitarte ulertu izan zen bezala, testuen esanahia eskuratu ahal izateko haien azalpen soila bizitzaren ulermenerako testu argipenaren metodologia darabilen gogoeta bidea baizik. Beraz, testuen ikerketarako modua baino gehiago ontologia aztertzeko modu filosofikoa, eta bereziki, literaturaren bidez giza bizitza ulertarazten lagunduko digun ekimena. Honen arabera, nire iritziz, historiaren nahiz hezkuntzaren menpean zeuden literatur iruzkinek, beren jakintza arlo berezituari kasu eginez, berezko esparrua ezartzea lortu dute. Ildo horretan, Paul Ricoeuren ekarpenak (2000) garatuko zuen Dilthey zein Gadameren proposamena, eta eskoletan irakurketa, idazketa zein testu iruzkinak lantzeko bide berriak ireki zituen. Izan ere, Ricoeurek berak esango lukeen gisara, “istorioak kontatzen ditugu giza bizitzaz aritzea merezi baitu. Honek, berebiziko garrantzia du garaituen oroimena berreskuratu nahi izaten dugunean. Sufrikarioaren historiak mendekua behar du eta, literaturaren bidez, eskaintzen diogu”, justizia poetikoa deritzana (La ficcionalización de la historia,1995). Eta, nago, haren metodologia erabiltzea baino omenaldi hoberik ez dagoenez, irakurketa hermeneutikoa egin beharra dagoela. Dakigunez, Eliza katolikoak testuak irakurtzeko hermeneutika zurruna baztertuz, hermeneutika berriak bizitza testu baten antzera irakurtzeko proposamena egin zigun eta, horrekin batera, Errenaisantza garaian, luteranismoaren eskutik, literatura askatua hasi zen hedatzen. Ez da ahaztu behar Shakespeare jarri dela literatura berri horren aita gisa. Literatura arautuaren tradizioak —judua, kristaua, islamiarra— esango digu ez dugula Jainkoaren lana baztertu behar eta ezin dugula amaitu ohiko idazkera motarekin. Shakespearek, idazkera sekularrak, alegia, dio denbora bezala gidatu behar dugula idazkera edo, bestela, beste norbaitek agindua izango du lana burutzeko denbora jakin barruan. Nik badakit non dagoen egia literarioa Shakespearen ahaleginean, idazkera askatuaren aldarrian hain zuzen. Hala ere, nahiz eta erabaki morala ezin den hartu irakurketa on baten bidez, agian nola irakurri eta zergatik diren irakurketa askeak inoiz baino funtsezkoagoak jakiteko berriro ere Errenazimentura eta Shakespearerengana jo behar izango dugu. Literatura idaztean edo irakurtzean nahikoa al da jarrera ekidistante bat izatearekin? Estoizismoa aski da? Denetatik irakur dezakegu jarrera berdinez? Shakespearek azken jarrerarekin lan egiteari uko egin zion, eta, aldi berean, badirudi eskuzabaltasunarekin nahikoa izan zuela, non eta ez garen berriro haur izango senaz irakurtzeko eta idazteko, jolasean. Dadaismoa eta surrealismoa literaturan, bada, ez omen dira atzo goizekoak. Edozein modutara, erantzuna ez da erraza, batez ere Shakespeare idazle handienak ingelesa eta giza nortasuna aldi berean asmatzeko lan zoragarria utzi zuenetik. Txundituta eta triste egin behar duen ahaleginaren tamainagatik, 1613an Shakespearek idazteari utzi zion. Aldez aurretik, aldiz, berak “Navarre shall be the wonder of the world” esaera ospetsua idatzi zuen, Margarita erreginaren gorte errenazentista hura gogoratuz. Gurera ekarrita, beraz, ezinbesteko altxorra dugu dibertimendu testu hura euskara literario- aren hutsuneak osatzen laguntzeko. Heptamerona idazten ari zen garaian, adibidez, Shakespearek berak gaur egungo ingelesa modernoaren oinarriak ezarri zituen. Berak eta beste batzuek, jakina. Thomas Watson izena ezezaguna da askorentzat, esaterako. Eta hori XVI. mendean dramaturgo ingeles ospetsuenetako bat izan zela; hala ere, bere obretako batek ere ez zuen iraun denboraren poderioz, eta horren ondorioz, jende askok ez du ezagutzen Christopher Marlowe dramaturgoaren bizitza, kaleko borroka batean salbatu zuen poeta eta idazle horren lana. Zenbait adituk erabaki dute horri amaiera ematea eta intelektual horri buruz gehiago jakin nahi izan dute. Ikerketa asko egin ondoren, aditu talde batek Arden of Favershamen horren egilea izan zitekeena identifikatu dute, 1592an modu anonimoan argitaratu zuen lehen tragedia ingelesa 1551ko hilketa nabarmen batean oinarrituta dago, Ardenek Favershameko emakume bati buruz hitz egiten du, Kenti buruz. Hark maitalearekin hitz egiten du, senarra hiltzeko eta istorio hori kontatzen digu testuak. Baina hori ez da aurkikuntza bakarra. Izan ere, badirudi obraren bost eszena William Shakespearerekin batera idatzi zirela. Hala adierazten du Gary Taylor irakasleak, Shakespearen aditua den akademiko batek. Bost urteko ikerketaren ondoren, Watsonekin lotura estilistikoak, biografikoak eta historikoak aurkitu dituela dio ia eszena guztietan. Hala, ondorioztatzen du autoreak “ebidentzia sendoa” duela Shakespearerekin aritu zela baieztatzeko. Hau dena Euskal Herrian Heptameron idazten ari zen garaian. “Watsonek egin zuen ia guztia originala izan zen”, azaldu du Taylorrek, Florida State Universityko literatura irakasleak eta The New Oxford Shakespeare-ren editore nagusiak, The Guardian egunkari britainiarrean: “Espezialistek ere beren lanaren alderdi txiki bat baino ez dute ezagutzen, dena batera jarri beharrean”. Taylorren ikerketa The Review of English Studies-en argitaratuko da. Guk ez dugu, ordea, ikerketa handirik egin behar, horretarako Heptameron bera eskura daukagu eta. Garai berekoa da Kixotea eta, laburbilduz, Kixotea-ren aldarrikapena literatur kritika ingelesari zor zaio. Aurreko mendeurrenean (1905an) J. Fitzmaurice-Kelly-k honako hau utzi zuen idatzia: “Ingalaterra izan zen Kixotea zabaldu zuen lehen herrialde atzerritarra, liburua itzuli zuen lehena, ondo aurkeztuta aurkeztu zuen lehen herrialdea, baita bere jatorrizko hizkuntzan ere, haren idazlearen biografia argitaratu zuen lehena, Kixotea-ren iruzkin bat argitaratu zuen lehena eta testuaren edizio kritikoa inprimatu zuen lehena”. Ikertuta dagoenez, plazaratu aurretik ere, Kixotea liburuan agertzen diren pertsonaiak eta egoerak, pasadizoak eta estiloa aski plagiatua izan ziren Britainia Handian. Areago, hala Jakobo I.aren gortean (Wilkinsek, Middeletonek, Fieldek edo Massingerek ezagutu eta goraipatzen zuten) nola eleberrigintza ingelesaren aitapontekoek (Fieldingek, kasu) Cervantesen idazkera inon baino lehenago bereganatu zutela argi dago ( J.M. Valverde. La Literatura, 1982/98. or.) Baina, kasu!, hori izan zen Cervantesek zaldunen literaturaz karikatura egiteaz gain, bere Berpizkundeko idazkera bera ere trufagai hartzen zuelako. Izan ere, besomotzak ez zuen uste Kixotea eleberria zenik (bai, ordea, beraren Persiles y Segismunda...) dibertimendu komikoa baizik. Horregatik, nahita, gaizki idatzi zuen, Errenazimentuaren eta Barrokoaren artean aldatze bidean zegoen idazkeraz txantxa eginez...eta hor egon zen bere ekarpena, funtsean. Espainiar aldarrikapenean, berriz, aurreko mendeburua zela eta, idazteko modu trakets hura eredutzat hartu nahi izan zuten literaturarako nahiz eskolarako. Duela ehun urte (1905ean) Unamunok nahiz Azorínek, orduan Kixotearen hirugarren mendeurrenaren karira, argitaratu zuten beren Vida de D. Quijote y Sancho eta La ruta de D. Quijote, hurrenez hurren. Haietan, Espainiako Koroak Kuba, Puerto Rico zein Filipinak galdu berriak zituenez, Felipe II.aren garaiko inperioaren sasoiari zegokion espainiar izpirituaren funts literarioa oinarritu nahi izan zuten. Ospakizunaren poderioz, adibidez, Benito Pérez Galdós Cervantesen antzera saiatu zen idazten, Cervantesena txantxa zela ulertu gabe eta traizioa tradizio bihurtuz. Berarekin batera, laurogeita hemezortziko idazle gehienek, edukietan zein formetan, ustezko modu espainiar hori landu zuten artaburuki, zeren, edukietan behintzat, Cervantesen literaturan espainiar arketipoen azalpena, deskripzioaz harago, aldarri zehatzak ere badira: arrazismoaren, nobleziaren mendetasunaren eta gerra inperialaren aldekoak, hain zuzen. Laurogeita hemezortzi belaunaldiko idazleek, Kixotearen mendeurrenaz baliatuz, Espainia nahi izan zuten birfundatu, eta, horretarako, haren estilo eta mamiari heldu. Adibidez, Cervantesek kanporatu zituen Belarmino de Velasco goraipatzen zuenean, eta ez zuen soilik konplimendurik egiten, apologia baizik: “Jainkoaren inspirazioa izan zen Erregearen agindua mugiarazi zuena, beraz, ez baitzen egokia suge bat espainiar habian haztea, etsaiak etxean edukita eta”. Ildo beretik, Unamuno, Galdós, Azorín eta enparuek, barne etsaiari aurre egin nahian, Gaztela ezarri zuten espainiar erakusbide bakartzat. Mendeurrenak, ustezkoa badira ere, askotarako balio dutelakoan nago, baita literatura arloan ere...Bistan da, beste ehun urteren bat pasatu arren, barne etsaiaren irudia espainiar intelektualitateak oraindik ere maite duela. Hala ere, Ricoueren irakasgaiak, behintzat, honetaz guztiaz konturatzeko baliagarria izaten segitzen du. Laburtuz, Jeu de Paume hartatik eginiko gogoetak medio honaino bitartean, nire aburuz, literatura, funtsean, idazlan handi gisa txalotu behar den parodia bat da; hala ere ez da ahaztu behar Shakespeareren, Cervantesen, Nafarroako Margaritan edota beste zenbait lanetatik paralelorik gabeko bitxitasun nihilista egon badagoela, idatzitakoari buruzko nolabaiteko erlatibismoa, alegia. Mugimenduaren idazketa Nire gazte garaian zinema arraroari “Artea eta saiakera” deitzen zioten. Hori zen, guretzat behintzat, zinema eta literatura narratiboaren eskema klasikoekin hausten zuen proposamen kulturala. Film haiek ez zuten errespetatzen inolako kronologiarik, eta ez zuten inongo garapen logikorik; aitzitik, ohiko logikatik harantzago zihoazen irudien eta istorioen elkartze-berregokitzapen bitxietan eta ikuslearen kontzientzian oinarritzen zuten guztia. Mota horretako filmak ziren, adibidez, Jean-Luc Godarden, Eric Rhomeren, Ingmar Bergmanen, David Lynchen eta abarrenak, hau da, kontakizun tradizionala hainbat ikuspegitatik birformulatzen zutenak, hura iradokizun bihurtzeko: hori zen “Arte eta Saiakera Zinema” zeritzana. Artearena oso argi zegoen edo, hobeto esanda, istorio hura forma berrien azpian kontatu nahi zuenez (bide batez esanda, nahiko ulertezinak), uste genuen artea zela. Baina... eta saiakerakuntza? Konturatzen hasi ginen ezen, literaturan eta zinematografian bezala, saiakera mota desberdinek ulermena, idazmena eta irakurmena eskatzen zituztela eta, beraz, diskurtso-arrazoi klasikotik haratago, haiek guztiek esperientziak transmititzen zituztela, ideia baten literatura narratibo bitxi edo iradokitzailearen hausnarketa partekatzen zuten, eta/edo iragarpen bat adierazten zutela erabilitako argumentuetan eta formetan. Hori zela medio, entsegutzaren mundua, idatzitako edo irakurritako zinematografia eta literatura, adierazpen generoa berezitua izateaz gain, artea ere bazela ohartu ginen. Halere, nire orduko garaian behintzat, irakaskuntza ereduak ez zuen zinema artetzat hartzen, eta literatura azterketetan ez ziren aipatzen saiakera bitxi eta interesgarri haiek. Eta azaleratzen zenean, zeharka egiten zen, nahiz eta zenbat ikerketa hasi ziren aintzakotzat hartzen. Saiakera idazki jakintsu eta zailtzat jotzen zen, sasoi hartan ginen ikasle gazteentzat batere egokia ez zena. Hala eta guztiz ere, literaturan lehen urratsak eman nituenean, idazten nuena, artean izan zezakeenari jaramonik egin gabe, pentsatu nuen idazten ari nintzena ez nuela zabaltzera bideratutako, nik neronek neure burua argitzeko besterik ez zela eta, bada, egindakoak saiakera bat izan behar zuela nahitaez. Beraz, jarraitu beharreko eredu baten bila hasi nintzen irakurtzen, nahiz eta berehala konturatu saiogileek, beste literatura genero batzuk idatzi arren, baldintza eta ezaugarri desberdinen arabera idatzi eta lan egiten zutela. Hau da, genero honek arau tazitu batzuk zituela ikusi nuenean (ez nuen, noski, eskolan hori ikasi), haiekin bat egitea erabaki nuen. Bide horretatik, halaber, konturatu nintzen nire intereseko bi jardun haiek garai hartako irakaskuntzan ez zegoela ikasterik (zinea eta saiakerazko literatura, hain zuzen), eta eskolatik kanpo geratzen zirela biak. Lehenengoari dagokionez, eta zineman alfabetatzeko premiari erantzun nahian, gogo handiz hasi nintzen joaten orduko ikastetxeetako eta nire jaioterriko (Gasteiz) zinemetara filmak ikustera (nahiz eta oraindik ez zioten Gasteiz deitu ere egiten...). Horrekin batera, literaturan eta saiakeragintzan sakontzen saiatu nintzen, eskola ordutegitik kanpo “baldintzapeko askatasuneko” nire orduek uzten zidatena irakurriz. Horrek guztiak nire prestakuntzari lagundu zionez, izugarri ondo pasatu nuen, eta, aldi berean, literaturaren gozamenerako nire urratsak bideratu nituen, nire irakaskuntza ibilbidea egiteko justifikazio bat emanez. Beraz, nola ulertu ahalegin haietatik sortutako saiakelak literatura parametroen barruan? Hori azaltzen saiatuko naiz hurrengo lerroetan. Eta literatur arloan nola garatu den nire ekarpena saiakela gisa, nire esperientzia pertsonaletik (literariotik barne) azaltzen dudan heinean, aipu, erreferentzia, gogoeta eta hori guztia erabiliko ditut; izan ere, ikuspuntu genetikotik, saiakela zitazioetatik (beste testu batzuetatik, irudi testuak barne...) sortu zen, eta literatur genero gisa eraiki da, hain zuzen ere, burutazio horien babesean. Bada, atseginez erabiliko ditut bizipenak eta zitazioak saiakela hori nondik datorren agerrarazteko eta, haren bidez, bizitzaren ulermena garatu ahal izateko. Izan ere, kontakizun aroan saiakerak gertakizun bihurtzen ditu gertaerak, eta, arau horren bidez, kezkak ere gertaera bihurtzen dituenez begirada kritiko eta neurtua eginez garatzen da. Hori argitu nahian, literatura lantzeaz gain, Xabier Portugal lagunarekin batera zinemagintza ikasten ere hasi nintzen. Xabier zine kritikaria zen eta Donostiako Zinemaldiarekin kolaboratu zuen aspaldidanik. Noizean behin elkartu ohi ginen Telmo Esnal, Asier Altuna, Koldo Almandoz, Eneko Olasagasti eta abarrekin euskal zinemaz aritzeko, eta bilera haietatik sortu ziren, besteak beste, Udako Euskal Unibertsitaterako antolatutako zinema ikastaroak; Xabier Portugal eta biok izan ginen arduradunak. Iruñeko ikastaroa izan zen oinarrian, baina, gero, Biarritzen, Donostian eta Euskal Herriko beste hainbat tokitan zinemaldiak egiten direla ikusita bildu ginen orduan, euskal zinemak horietan zein leku duen aztertzeko asmoz; zeren, nahiz eta 1980ko hamarkadan, Donostiako zinemaldian euskaraz ekoitzitako film bat sailkatu zen Urrezko Maskorra irabazteko finalista gisa, Ke arteko egunak, hain zuzen, geroztik basamortua besterik ez zegoen euskal zinemagintzan. Horrenbeste urteren buruan, berriz, egoerak hobera egin beharrean, nonbait maldan behera joan zen berriro, gero eta ilunago ibiliz. Argirik gabeko bide horretaz oharturik antolatu genituen gure ikastaroak. Han bildu ginen zine zuzendari zahar eta berriekin, eta euskal zinemaren egoera aurkeztu genuen ikuspegi historikotik eta garaikideari begira. Bertan, Eneko Olasagastiren testu baten gainean aldarrikapen bat plazaratu zen, hauxe: euskal erakun- deek ziurta dezatela urtean bi film luze edo labur egin daitezen, bertako gidoiak baliatuz. Geroztik, denbora pasatu ondoren, tarte horretan ahaleginak egin ziren topaguneak proposatuz, zuzendari berri eta gidoigileei elkarrizketak eginez, baina, tamalez, ez zen horretarako gutxieneko konpromisorik lortu. Biarritzeko ikastaroaren helburuak Iruñeko azterketa eta aldarrikapenean izan genituen oinarritzat. Ikuspegi historikoa abiapuntua izanik ere, modu praktikoagoan eutsi genion gaiari. Horretarako beste urrats batzuk emanez: batetik, Asier Altunak eta Koldo Almandozek gidoigintza nola landu eta film txikiak nola egin erakutsi zuten; eta, bestetik, guk, Xabierrek eta biok, euskal curriculumerako zinema nola landu azaltzeko prestatutako bi gai aurkeztu genituen: begiradaren heziketa eta zinema zer den. Zinemaren alfabetizazioa nahi genuen sustatu, alegia, herritar garaikide batek irudiaren munduaren inguruan jakin beharko lukeena argituz, batik bat, begirada hezteko zinema, telebista eta ikus-entzunezko produktuen aurrean. Izan ere, gaur egun, orduan bezala, ikus-entzunezkoen, Interneten eta iragarkien harrapakin hutsak gara harraparien aurrean, eta ez dugu inolako heziketarik eduki hori dena behar bezala irensteko ordurako; aitzitik, haiek gaituzte gu irensten. Ez orduan ez egungo heziketa orokorrean ez baita biderik ematen arlo hori lantzeko, eta horregatik esaten genuen —eta dugu— alfabetizazio hori behar-beharrezkoa zela —eta dela, oraindik ere—. Gure proposamena zen gutxieneko ezagupenak ematea zinemaren eduki eta formen inguruan. Horretarako bi arlo bereizten genituen: batetik, hezkuntza munduan zebiltzanak; izan ere, irudien alfabetizazioa eta begiraden heziketa gero ikasguenetan zabaldu eta lantzeko gaiak baitira; bestetik, gidoigintza lantzea oinarria izan liteke lanen bat egin nahi duen ororentzat, saiakelak idazteko edo pertsona mailan edota bai eskola munduan ere. Ikastaro horretan parte hartu zuten, besteak beste, Joxan Muñozek, Juanba Berasategik eta baita Koldo Izagirrek ere. Horren ondorioz egin nuen Jakin aldizkariaren (144-2004) zinemari buruzko koordinazioa eta artikulu luzea (“Euskal Zinema, ikustezina izatetik ikusgarria izateko bidean”, 11/40 or. ). Ildo beretik, Xabier eta bion artean euskal curriculumerako zinema nola landu argitaratu genuen (2004) eta, Fernando Larruquertekin batera, Aprender a mirar liburuxka kaleratu genuen (2011). Baina Xabier Portugal hil zitzaigun eta bere oroimina lagun utzi gintuen. Idazketarako Xuxenek gidoien erabileraz aholkuaren kontra (latza da, bestalde, gidoiak aipatzea Xabier dela medio, eta zinemaz beste zentzuzkoa ematea ere...), hura zendu aurretik, horra esan zidana: oromina! Pasaia 1931-1939, zanpatuen oroimina bere azken liburuaren izenburuaz ari zen Xabier Portugal, niretzako eskaintza idazten zuen bitartean. Ulertu nuen, noski, nahiz eta bera, niretzat behintzat, zuzentasunaren eredua izan den beti. Baina, halaber, subertsioa maite zuenez, zinemak, jazzak eta herri hizkerak etengabe sortzen dituen bertsio desberdinak ere maitagarriak izan ohi dira berarentzat. Bera bere herrian bezainbeste maitaturik. Hil aurreko azken urte haietan sasoiaren aurka eraman izan zuen borroka, berez kultura orok daraman bera, denbora galdua- ren bila izan delakoan nago, berarentzat denbora-pasak ere ihes doan oraina berreskuratzeko ahalegin bihurtzen baitziren. Nekatu ahala ahalegindu, zaindu... askotan mindu. Itsasoa besterik ikusten ez denean lehorra ukatzen duena nabigatzaile eskasa izaten da. Itsas herri baten alkatea izan zenak bazekien ura eta lurra bereizten eta nori berea ematen. Berari, bere herriak zegokiona emango zion. Heriotza itsasoa bezain handia izan daiteke edota ur tanta bezain txikia, baina bustitzen du. Eta zipriztintzen gaitu... Ez dakit denbora isuri edo agortu egiten den, ukiezina baita. Ukaezina da, ordea, bere denbora bukatu arren zirtaturik utzi gintuela. Zirt edo zart egin behar izan denean beharreko jakinduria, egonarria eta kemena erakusten jakin izan zuelako. Erakaslea bezain erakarlea izan baitzen. Bera gabe ere ikasle izan zituenak gogoratzen dira horretaz. Eta, bere estiloan esan ohi zuen moduan: “gogoratuko gera zurekin”. Eta orain, denok ikasle, hura ere egiten jakin behar izango dugu denok: zu gaberik, zutaz oroitzen... Gogoratzen al duzu Xabier, Alfred Hitchcocken Spellbound film hori? Ingrid Bergman eta Gregory Peck maiteminduko zirela begi bistakoa zen pelikularen hasieratik bertatik eta, jakina, hala gertatu zen. Baina maitatzea eta maitemintzea ezin dira guztiz gauza bera izan, ez da? Zu gabe oroiminez gaude. Zuk erakutsi zenigun eta. Baina, Gregory Peck erruduna ote zen? Alfred Hitchocken filmen artean, Spellbound (Gogoratu) da ametsak gaitzat hartzen dituztenen artean garrantzitsuena. Gregory Peck aktorea zendu zenean gogoratu nintzen harekin, noski, baita Ingrid Bergmanek ederki lagundurik, aipatu filmaren protagonista izan zela ere. Erakutsi ziguten istorioan, biak psikiatra psikoanalistak izanik filmean: Gregory Peck (ustez Edwards doktorea) iritsi berria zen klinikara, eta Ingrid Bergmanek (Petersen sendagilea) Peck benetako Edwards doktorea ote zen zalantzan jarri zuen. Ildo honetatik, Petersen Gregory Peck amnesiak jota dagoen gaixoa dela konturatuko da, eta psikoanalisiaren bidez zein den gogorarazten lagundu nahi izango dio eta, bide batez, benetako Edwards doktorea non dagoen eta hark akabatu ote duen argitzen saiatu. Ezarritako terapia dela medio Gregory Pecken sorkuntza onirikoak ikertzen arituko da emakumea baina, jardunean, Peckekiko maitasuna piztuko zaio eta korapiloa askatzea gero eta zailago suertatuko da. Salvador Dalí margolari surrealista ibili zen Hitchockekin batera ametsen sekuentziak diseinatzen, eta Miklós Rózsari zor zaio honi guztiari dagokion musika egokia. Guk, Gregory Peck gogoan, euskal zinema bizitzen ari zen lehorte egoeraz hausnartu genuen. Udako Euskal Unibertsitateko Larraonan baita Miarritzeko ikastaldian bildurik zinegileak eta zaleak, gidoilariak nahiz ekoizleak, zuzendariak zein teknikoak, denak bat eginik daude baieztapen sinple honetan: orduan ez zegoen euskal zinemagintza izenik mereziko lukeen inolako jardunik. Euskal kulturaren barruko osagaia beharko luke izan euskal zinemak. Industria izatetik haratago, hizkuntzaren erabileraz gain, ekoizpen batean bildu ohi diren ofizio desberdinak ahaztu gabe, zinema bizitza garaikidearen ardatza egina dago jadanik. Euskal zinemari bere neurriko laguntza zor zitzaion, izan ere, Euskal Telebista zorretan zegoen bertako zinemarekin zeren, jakina genuenez, europar legediak tokian tokiko ekoizpenetan inbertitzeko agintzen zuena ere ez zuen betetzen EITBk, eta haren berezko bermatzailea izan beharko lukeen Eusko Jaurlaritzak bere menpeko erakunde hori egitera behartu beharrean ez ikusiarena egiteaz aparte, ez zuen beste motatako irtenbiderik ematen. Ez zirudien, beraz, Eusko Jaurlaritzak, Kulturaren Plangintza estrategikoan zinemarako zenbait laguntza aurreikusten baziren ere, arazoak hartu zuen tamainaren neurriari erantzuteko izan zitekeenik, eta handik hona, non EITBn fikzioa erabat desagertu den eta plataforma digitalen munduan ETB1ek inoizko erabilera tasa txikienera iritsi den, are gutxiago. Hitchocki buruz Truffautek idatziriko liburuan (El cine según Hitchock. Alianza, 1974) Gogoratu filmak psikoanaliasiaren terapia deskribatzeko ematen dituen argibideak ezin direla zinematografian beste inon aurkitu, esan zigun. Hau da, film hau ametsen garrantziaz ohartzeko funtsezkoa dela nabarmendu zuen. Era berean, kontzientziaren azpian ezkutatzen diren desioak eta sentimenduak ezagutarazteko balio duela esaterik egon badago. Zinema, dena den, ametsen lantegia dugu gure gizartean. Iluntasunean murgildurik, gizaki garaikidea bere nahiak eta zapuzketak, beldurrak eta fobiak, amets on eta gaiztoak sortzen ohitu omen da kobazulotik hona. Zer-nolako ametsak egingo ditu, ordea, zinemarik eta fikziorik ez duen kulturak, ezer pantailatzerik ez duen herriak? Hala eta guztiz ere, zinema eta literatura nahastuz sortu nuen Kasandra leihoan nire hurrengo saiakela, non Kasandra eta Ihardets Paristik Islamabadera doan hegaldian doazen abioiak Erromako aireportuan aurreikusita ez dagoen geldialdi bat egiten duen. Geldialdi horren ezinegona, asperdura eta urduria uxatzeko elkarri filmak kontatzearen jolas zaharra berrituko dute. Jolas honen bidez zinemaren historiaren film ezagun, ezezagun, klasiko eta ez hain klasikoen istorioetan murgilduko dira. Filmen gertakizunak harilkatuz, bizitzaren gakoei helduko diete: zoriontasuna, biolentzia, askatasuna, heriotza... Hala, bada, abioian geroz eta astunagoa egiten ari den girotik urruntzeko ihesbideaz gain, galdera gako horien erantzunak bilatuko dituzte zazpigarren artea deritzogun horretan. Saiakela honen egitasmoarekin 2005ean literatura sorkuntzako Joseba Jaka saria jaso nuen eta, hori dela medio, koedizio baten bidez plazaratu zen 2006an, Txalapartaren eta Elkar Fundazioaren artean. Orain arteko ahalegina literaturaren bidez irudien eta hitzen arteko harremanez hausnarketak kaleratzea baldin bazen, honekin batera urrats bat haratago eman nahi izan nuen irudia, hitza, musika eta, batik bat, mugimenduaren grafiak gogoeta gai literariotzat harturik. Bistan da zinema gaur egungo mitologia dela, eta Kasandra leihoan liburuan irakurleari horri buruzko gogamena lantzeko bide berriak eskaini nahi nizkion beste behin. Irakurraldi horretarako, gozatzearekin batera, zer pentsatua ere eman nahi nion balizko irakurle horri eta bere esperientzia aberastu. Kasandrak horrela zioen: “Ez dut uste berrikuntzarik gabeko errepikapena dagoenik”; areago, neronek ere (G. Deleuzeren bidetik) behin baino gehiagotan errepikatu dut hauxe: Lan literario bati berriro ere heltzean, irakurraldi errepikatuan, liburua literarioago bihurtzen dela. Hau da, irakurlearengan sentsazioak sorrarazi ordez irakastea soilik nahi duen liburua ez da literatura. Kasandrarekin bat eginik, beraz, literatura adierazpen interesgarrienek ere —zinemak bezalatsu—, adierazi nahi duten hori agerian uztearekin nahikoa dutela, ez dutela ezer azaldu beharrik, ez dutela ezer irakatsi —ikasarazi— beharrik. Izan ere, noranzko bakarreko irakurketa zurrun eta bideratuek ez diotela onik egiten irakurraldiari, ez eta irakurlearen sormenari ezta ezagutzaren bilakaerari ere. Ez nuen halako zurruntasunik eman nahi Kasandra leihoan liburuan norabide bakarrerako irakurketarik eskainiz. Ohartuta bainago bigarren irakurraldi baterako ere idatzi beharra dagoela hiz- lauaren polizentzuaz behar bezala mamitu ahal izateko. Kasandra leihoan, berez, hiru atalez osaturiko liburua da. Lehen atala, ABC edo instructionea deiturikoa, hitzaurrearen diskurtso moldera egokitzen den testua da. Bertan liburuaren nondik norakoaren berri ematen dut, eta irakurbiderako proposamen zenbait azaldu. Hirugarren atala, ZYX edo abstractionea, kontzeptuen inguruko hiztegi edota azalpen pertsonalek osatzen dute, betiere filmak adibide modura erabiliz. Bigarren atala, H gabeko autua deritzona, liburuaren pasarterik mamitsuena da, nire ustez, liburuaren muina; horretan, Kasandra eta Ihardetsen arteko solasaldia aurkezten da. Bat-bateko egoera batek abiarazten du Kasandra eta Ihardetsen arteko solasaldi horixe; Parisetik Islamabaderako bidean direla, hegazkina Erroman geldiarazi egiten dute, eta bidaiariei hegazkinean zain egoteko eskatzen diete. Halaxe gelditzen dira Kasandra eta ihardets euskaldunak, hegazkin barruan zain, ezin altxaturik, ezin mugiturik... eta musulmanez inguraturik. Espazio estatiko, itxi eta arrotz batean gelditzeak sorturiko hersturari aurre egiteko asmoz abiatzen du elkarrizketa Kasandrak; beldurra, asperdura eta ezinegona ahazteko asmoz. Honela, ikusiriko zenbait film elkarri kontatuz, eta hauen inguruko (aurre)iritzi, irakurketa eta sentsazioak trukatuz, filosofiaren arrimuan ibiliko dira bi lagunak, orain Greziako filosofoen esanak gogora ekarriz, gero nork bere esperientzian sentiturikoak kontatuz. Aipuen eta bizipenen joan-etorrian, arrazoiaren eta sentimenduen joan-etorrian, usteen eta kontzeptuen joan-etorrian dabiltza Kasandra eta Ihardets, betiere “Mendebaldeko gizakiaren erro hauskorrak” erakutsiz —ikusaraziz—, bide honetatik lagunarteko solasaldietan ere filosofia mamituz, besterenganatu nahi nituen li- teraturaren eta zinemaren arteko harremanak Mendebaldeko pentsamenduaren erroak kolokan jartzeko. Izan ere, zinemaz jarduten dute Kasandra eta Ihardetsek, pelikulen argumentuak kontatzearekin batera, film horiek nola interpretatu daitezkeen hausnartzen dute, eta hausnarketa horietatik tiraka etortzen dira beste hainbat eta hainbat gai eta azpigai, guzti-guztiak Mendebaldeko pentsamenduarekin eta Mendebaldeko gizakiaren ereduarekin zerikusia dutenak. Baina, halere, mintzagaiaren muina zineman eta pelikula konkretu batzuetan kokatzen dute. Esanguratsu bihurtu nahi nuen pertsonaia bakoitzaren nortasuna irudikatzeko erabilitako bidea. Besteak beste, pertsonaia bakoitzaren kultur aipamenetan eta harturiko izenetan antzematen da nortasunaren islarik. Izan ere, Kasandra irakurle trebatua da, filosofian aditua, eta kultura jasoko idazle, joera eta iritziak ezagun dituena. Horregatik, Greziako mitologiako pertsonaia baten izena hautatu nuen, eta bereziki, Kasandrarena aukeratu nuen bere sinbolismoagatik. Ezagun den bezala, Kasandrak profeziaren dohaina zuen, eta dohain haren bitartez Troiaren suntsiketa iragarri bazuen ere, ez zioten sinetsi. Ez zekien zer gertatzera zihoan, ezin zuen jakin, baina antzeman zuen gertatuko zela. Hartara, liburu honetako Kasandrak ere susmatzea du gustuko. Ihardetsek, aldiz, gustukoago ditu herri kulturako adierazpideak, komikia eta ahozko literatura, besteak beste. Kasu honetan ere izena ezin adierazgarriagoa da, Ihardets pertsonaiaren jarrerarekin zuzen-zuzenean harremana duena. Izan ere, Ihardets Kasandraren iritziei erantzunez ibiliko da, orain esetsiz, gero hots eginez. Baina, kultura eta jarrera ezberdinetara ohituriko bi lagun hauek badute kultura komunik, topaleku komunik: zinema. Bi-biek filmak ikusi ohi dituzte, bi-biak kultura horren hartzaile eta kontsumitzaile dira. Hortaz, zinema elitearen kulturaren eta herri kulturaren arteko adierazpide modura aurkezten da, guzti-guztientzat ezaguna den kodea, guztien eskura dagoena, eta azken batean, bi muturren arteko lotura ere izan nahi duena, edo izan daitekeena. Jakina, zinemaren ingurukoak mahaigaineratzeak beste kultura adierazpideez ere hitz bi esatea ekarriko du. Eta berezi-bereziki literaturaz. Ezin bestela, sortu zen unetik beretik zinemak harreman estu-estua izan baitu literatura adierazpideekin. Bai lehen urte haietan gidoi-egile gehientsuenak ordura arte literaturan arituriko egileak izan zirelako, bai ordutik aurrera ere literaturatik argumentuak eta baliabide narratiboak hartu dituelako zinemak (eta alderantziz, noski). Solasaldi honetan, hortaz, literaturaren eta zinemaren arteko hartu-emanak etengabe aipatzen dira. Baina Kasandra eta Ihardets sakonago eta zehatzago mintzatzen dira literaturaren eta zinemaren arteko diferentziez, antzekotasunez baino. Ezberdintasun horiek erakusteko ahalegina egin nuen, besteak beste, film bihurturiko literaturaren inguruko oharrak egiterakoan, edota literaturara bihurturiko filmen inguruko oharrak egiterakoan. Gainera, bada solasaldi honetan zinemari egokitzen zaion ezaugarri berezirik. Ahozko kultura eta egungo zinema parekatu egiten ditu Kasandrak, biak ala biak giza mitoen eta ereduen igorle kontsideratuz. Biak ala biak mitologiarekin lotuz. Behinola mitoak transmititzeko bidea zelakoan ahozko kultura, eta gaur egun mitoak transmititzeko bidea delakoan zinema. Hau da, behinola herri kulturaren bitartez hedaturiko giza ereduak, egun masa kulturaren bitartez hedatzen direlakoan. Horiek horrela, Kasandrak ezin garrantzitsuagoa deritzo zinemaren irakurketez jabetzeari, zinemak bideratzen dituen mezuetan arreta jartzeari. Jakina, Mendebaldeko pentsamenduak sorturiko mitoen transmisioa, masa kulturak sorturiko mitoen transmisioa, Europa Zuri Heterosexual aberatsak sorturiko mitoen transmisioa besterik ez da, gehientsuenetan. Azken batean, zinema dugu egun Mendebaldearen begirada iraunarazteko biderik indartsuena; baina, aldi berean, zinema dugu Mendebaldearen begirada iraultzeko biderik indartsuena, bitartekorik baliotsuena. Txanponaren bi alde hauetan aztaka dabiltza Kasandra eta Ihardets, geure erro mendebaldarrak astindu asmoz, pentsamendua eta ezagutza sortzeko eta geureganatzeko bestelako bideen inguruan gogoetaraziz. A (abiapuntu) batetik norabide bakarreko autoritatearen iraulketa Mendebaldeko pentsamenduaren norabideak astintzeko, norabide bakarreko autoritatea irauli egin nahi da liburu honetan. “Mundua idazteko hamaika alfabeto dago” diosku Kasandrak, mundua idazteko norabide bakarraren eta alfabeto bakarraren ideia zalantzan jarriz. Baina autoritatearen kontzeptua iraultzeko gogoa, Kasandra eta Ihardetsen adierazpenetan ez ezik, testuaren ezaugarri diskurtsiboetan ere susmatzen da. Esaterako, H gabeko autua atalean, ez da adierazten nor doan hitz egitera, nor izango den hizlaria, zein den ahotsaren jabea. Hartara, solasaldiko pasarteei izenik ez ematean, hitz horiek ez dira jabe jakin batekin zuzen-zuzenean lotzen, eta autoritatearen kontzeptua zirriborraturik geratzen da, herren. Hitz horien jabearengan arreta bideratu ordez, hitz horiek adierazi nahi duten horretara bideratzen da arreta, jabetzaren eta autoritatearen zama arinduz, eta adierazpideei garrantzia emanez. Bestetik, denboraren ikuskera kronologikoaren iraulketaz zabaltzen da dena, hau da, lehen irakurraldi batean nekez agertu arren, liburu hauxe berriro ere lasai irakurtzerakoan, argi ikusten da atalen inguruan irakurleak egiten duen hausnarketak eta erabilerak zeharo baldintzatzen duela irakurraldia eta irakurketaren esperientzia. Hasierako irakurketan, normalean, hiru atalen hurrenkera (kronologikoa eta kausazkoa) narrazioaren tradiziozko sailkapenaren arabera egin ohi bada ere, zehatz esanda, sarrera, korapiloa eta ondorio modura hiru atal horiek hartuz, eta sailkapen horretara makurtuta atalen arteko harremanak galtzen dira; beraz, aipatu atal haien arteko harremanek sorturiko zentzu posible guztiak baztertuta geratzen dira, lehenengo ohiko irakurketa eginez gero. Aurreiritzi horrek, beraz, irakurraldiaren sentsazioak baldintzatu egin ditu, eta ondorio modura irakurri ohi den atala ( ZYX edo abstractionea) korapilotzat geratzen da (H gabeko autua) gehiegi estuturik eta baita bideraturik ere. Bai, irakurketaren ikuskera kronologiko eta kausazko horrek bideratzen ditu sentsazioak, eta ez testuaren hersturek edo keinuek (lehen irakurraldian norberak pentsa lezakeen bezala). Bigarren irakurraldian, berriz, testuaren keinuei arretatsuago begiratuta, testuak bestelako irakurraldia egitera gonbidatzen duelakoan nago. Batetik, hortxe daude hitz zenbaiten ondoan ezarritako izartxoak, lehen irakurraldian nekez kontuan hartzen direnak. Bestetik, hortxe dago hirugarren alfabetoaren ordena itzulikatzen duen izenburua, hirugarren atalean. Bi keinu hauetan susmatzen da jarraikortasunaren hausturarako deia, lehen irakurraldian ikuskera kronologiko eta kausazkoa susmagarri bihurturik, agian. Horregatik, berrirakurketa dela bide, Kasandra leihoan liburua orrialdeen jarraikortasuna kontuan hartuz irakurri beharrean, H gabeko autua eta ZYX edo abstractionea atalak tartekatuz eta gurutzatuz irakurri beharra dago. Hau da, H gabeko autua atalean hitzen bat izartxo batekin markaturik agertzerakoan ZYX edo abstractionea atalera joz, eta hitz horren ingurukoak irakurriz; eta ondoren, buelta berriro ere H gabeko autua atalera. Irakurketarako norabide hau erabiltzeak zeharo aldatzen du testuarekiko esperientzia. Batetik, jauzika irakurtze honek irakurraldiaren amaiera H gabeko autua atalaren amaierarekin bat egitea ekarriko du, eta hartara, solasaldi horren amaiera ez da itotzen eta irudi esanguratsuekin iristen zaio amaiera irakurraldiari. Bestetik, irakurbide honek bi egoera eragingo ditu, testua hartzerako moldean eragin dutenak, besteak beste. Terrorea hitza izartxo batez lagundurik ikusterakoan ZYX edo abstractionea atalera joz, adibidez, hitz horren ingurukoak irakurtzeko asmoz, baina, hara!, terrorea sarrera topatu ezinean ibiliko da irakulea. Horror vacui. Halere, aurreraxeago, izua, terrorea sarrerarekin egingo du topo, eta hutsunea betetzeak sorturiko lasaitasuna sentitzeko balioko du kausazkoa behar zuen ekintza buruturik ikustean. Modu bertsuan, errepikapena hitza izartxo batez lagundurik ikusterakoan ZYX edo abstractionea-ra jotzen denean; baina, horixe ere topatu ezinean; aurreraxeago, errepikapena sarrerarekin topo egin beharrean, berrikuntza sarrera aurkituko du. Aldaketa ezin adierazgarriagoa, hasieran bertaraturiko Kasandraren hitzetan helarazitakoa esperientziaren bitartez adierazteko bide ezin hobea (“ez dut uste berrikuntzarik gabeko errepikapena dagoenik”). Funtsean, erakutsi vs. irakatsi eta, ondorioz, bi atal horiek tartekaturik eta erlazionaturik irakurtzean, baliabide diskurtsiboetan ere erakustearen aldeko hautua egin dela azaldu nahi dut. Erakustearen hautu hori are nabarmenago antzematen da Kasandra eta Ihardetsen arteko solasaldian eginiko adierazpenek baliabide diskurtsibo gehiagotan ordainik bazutela ohartzean. Esan bezala, autoritatearen iraulketa hori hitzez adierazi ez ezik, diskurtsoaren moldean ere irudikatu egiten da. Bestalde, bi atal hauek tartekaturik irakurtzeko aukerak ere egilearen autoritatearen iraulketa adierazten du, irakurlearen esku geratzen delako bi atalak tartekatzearen aukerari heltzea. Hortaz, egile gisa ez dut norabide bakarreko irakurbidea marraztu nahi, irakurlearen esku geratzen da norabide bakar bati lerratzea, edota norabide anitzetan jardutea. Halaber, aipatzekoak dira Kasandrak Mendebaldeko pentsamenduan denboraren ikuskerak izan duen zamaren astunaz eginiko adierazpenak, eta hortaz, kronologiaren menera sorturiko mundu ikuskera iraultzeko agertzen duen gogoa. Horiek horrela, berriro ere, pertsonaien adierazpenek bat egiten dute baliabide diskurtsiboek irakurlearengan sorturiko sentsazioekin eta jarrerekin; alegia, kronologiaren hausturarekin, edota denboraren (irakurraldiaren) norabide bakarreko ikuskera iraultzearekin. Beraz, Kasandra eta Ihardetsen adierazpenen bitartez zentzua besterenganatu ez ezik, irakurraldiaren esperientziak eta sentsazioek laguntzen dutelakoan nago, adierazpen horietan baieztaturikoa sentitzen, eta horrek guztiak ezagutzaren dimentsio aniztun horien kontzientzia sendotzen laguntzen, asmoz behintzat. Bestalde, espazioa vs. denbora ikuskera kronologikoan oinarrituriko pentsamendua gaitzestearekin batera, espazioaren aldarria dago liburu honetan. Izenburutik bertatik antzematen zaio espazioaren garrantziari, ustez behintzat. Gainera, espazioaren inguruko hausnarketa iradokitzen da etengabe. Gogora dezagun Parisetik (mendebaldetik) Islamabadera (ekialdera) doan hegalaldia hartu dutela bi lagunek, baina Erroman geratu direla kateaturik (kristautasunaren eta europartasunaren habian, alegia). Ez aurrera, ez atzera. Ezin mugitu. Denbora gelditu delako inpresioak jota, espazioak harrapatu dituelako inpresioak jota. Itolarrian, urduri. Badirudi bi pertsonaiek ekialderantz jo nahi dutela, mendebaldetik urrundu nahi dutela, baina ezinezkoa zaie, begirada mendebaldarra haiekin doalako eta mundu ikuskera mendebaldarra haiengan erroturik dagoelako. Nolanahi ere, Erroman pausatzea eta Mendebaldeko erroei patxadaz begiratzea baliagarri izango zaie erro horiek kolokan jartzeko, haiengan erroturiko begirada mendebaldar horren mugez eta minez ohartzeko. Hegalaldia etetearen esperientziak hausnarketara bideratzen ditu bi lagunak; alegia, denbora/mugimendua eten izanaren sentsazioak. Egonaldian sortzen da solasaldia. Gaur egungo Mendebaldeko gizartearen mugimenduaren eta trukearen irudia da hegazkina, eta horregatik are deigarriagoa gertatzen da dinamikoa behar zuena hertsi eta estatiko bihurturik ikustea. Are gehiago, aireportuak eta hegazkinak ezlekuen adibidetzat hartu izan dira, anonimatuaren espazioaren adibidetzat. Baina saiakela honetan ezlekuaren kontzeptua ere irauli egin nahi da, edozein giza espazio zentzu soziologikoz blaiturik dagoela erakusten duelako, eta edozein giza espaziotan, hortaz, gizartearen botere harreman horiek egon badaudela agerian uzten da. Ezinezkoa da, beraz, espazio anonimorik egotea, zentzu soziologikoz husturiko espaziorik egotea, ez behintzat gizakiak beteriko espazioa bada. “Sumatu ez, susmatu egiten da”, hala diosku Kasandrak zinemaz ari dela. Susmatzaile jarrera hori aldarrikatzen du Kasandrak filmak, liburuak edota musika geureganatzeko; baita eguneroko gertakariak edo sentsazioak geureganatzeko ere. Azken batean, munduan egoteko jarrera baten aldeko aldarria da. Susmatzaile jardutea eta susmatzaile bizitzea, geure nortasunaren bilakaeraz (amaigabetasunaz) gozatzeko, geure nortasunaren bilakaerari (amaigabetasunari) bide emateko. Euskal Herriko zinemagintza goseari antzematen zitzaion hartatik sortu ziren gero Agur Etxebeste, Amama, Dantza, Oreina eta beste hamaika film. Gaur egun, ezinezkoa zena egina dago jada, Gastibeltza Filmak bi ekoiztetxe frantsesen laguntzarekin ekoitzi dute Thomas Lacosteren Pays Basque et liberté dokumentala, telebista publikoetan zabaldua, eta Ximun Fuchs, nire filosofia ikasle ohia, Baratze bat izeneko gidoia ari da idazten ETAren azken sasoiaz, Thomas Bidegain zinegilearen laguntzaz. Ezinezko filmak ziruditen Kasandra leihoan idatzi nuen sasoian. Gainerako liburuei egindako iruzkinak ezagutu ahal izateko egin ohi den bezala aski da kritikak.armiarma.eus atarira jotzea eta bertan so egitea A. Galarragak, I. Retolazak, M. Asurmendik eta horrenbeste literatur kritikarik idatzitakoari. Nik, berriz, Jeu de Paume dela-eta Iban Zalduarekin egin dudana errepikatuko dut hemen, blog batera joango naiz, Asel Luzarragaren Nasmastarraren apunteak deritzonera, alegia, (2007- 01-20) testuari buruzko iritzi-emailearekin nolabaiteko elkarrizketa burutu ahal izateko. Hona hemen, bere osotasunean, Aselen aburuen berri: “Oraintxe bertan bukatu dut garunek soinketa apur bat egin dezaten balio izan didan liburua, Fito Rodriguezen azken lana, Kasandra leihoan Joseba Jaka V. Literatur bekako sariduna. Fitok berak sortu duen terminoak sailkatzen du liburu hau: saiakela. Bukatu ez ezik, bidean buruari gustura eragin diot. Liburuak hiru zati bereizten ditu, eta hirurak osotasunaren barruan hartzea komeni da lanaren zentzua behar bezala ulertzeko. Euskal literaturan oso ohikoa ez den zerbaiten aurrean gaude; beraz, lehen zatiaren (ABC edo Instructionea) orientabideak ez dira besterik gabe pasatzen uzteko orriak. Gustatu zaizkidan gauzen artean kokatuko nuke Fitok frogatu digun gauza bat: filosofiak ez du zerikusirik asperdurarekin, ezta ulertzeko zaila den idazkerarekin. Ez nahitaez, bederen. Liburua azkar irakurtzen da, arina da, eta protagonisten egoera hertsi eta itogarria bide oso aproposa da, denbora jateko hitz aspertuaren mozorropean, gure gizartearen hainbat balio, pentsatzeko modu, norabide, kontzepturi heldu eta, pelikula askoren argumentoei jarraituz, filosofiak haiei buruz emandako ikuspegi batzuei errepasoa emateko, konformismotik urrun. Seguruenik irakurleok (eta dirudienez, kritikariak, horiek zer diren oso argi jakin gabe) ez gaude holako ariketa literario- filosofikoetara oso ohituak. Nik, behintzat, filosofiaz irakurtzeko ohitura guztiz galduta izan dut. Hortaz, Fitori aitortu behar diot horren gaineko interesa berpiztearen meritua. Niri filosofiaz, baita literaturaz ere, erantzunak emateko baino gehiago, galderak planteatzeko duen gaitasuna da gustatu zaidana beti. Agian etengabeko galderetan bizi naizelako, eta erantzun mugiezinak baino, behin-behineko irtenbide desegonkor eta aldakorrak maiteago ditudalako. Kasandra leihoan honek nire ohiko zalantza asko agerrarazi dit, eta aldi berean berriak ireki. Irakasle izanda, gure zibilizazioaren hezkuntza sistemaz pentsatzen dudanari forma ematen lagundu dit. Baita txikitatik denboraz, etorkizunaz bereziki (eta gertaeren ustezko logika kronologikoaz), ezartzen zaigun irudiaz kontzientzia osotuagoa hartzen, besteak beste. Azken finean, filosofiak besteek pentsatzen dutena neureganatzen baino gehiago, niri beti lagundu dit nik neuk uste dudana argiago ikusten, neure pentsamenduei usaina hartzen. Nahi nuke egileak beste jakin filosofo askori buruz. Tira, haiei buruz zehazki ez; kolokan ipini dituzten pentsamenduei buruz, haien proposamenez. Filosofiaren historiak, beste gauza batzuen artean, erakutsi baitigu ez dagoela egia finko eta aldaezinik, korronte askok, bata bestearen atzean, aurrekoek ezarritako bideak irauli dituztelako. Fitok bukatzeko utzi duen amaigabetasun hori da niri erakargarrien egiten zaidana, seguruenik. Ez da kontzeptu txarra geure buruari aplikatzeko, batez ere geure pentsamendua erlatibizatzeko eta dogmatismo guztiei izkin egiteko. Liburuak, filosofiaz gain, istorio bat du, eta horri dagokionez eskertu behar zaio surrealismoari utzi dion tartetxoa. Liburuak burua zinemari begira jarri didalako edo, pelikula batean legez ikusi baitut bukaerako eszena, eta edonori gomendatzen diot buruari irudi horiek sor ditzala uzteko. Ez dakit Quentin Tarantinoren edo noren bukaera izan litekeen, baina niri irribarrea piztu dit. Hori ere behar dugu, batez ere azken boladako gertaeren harira ezkortasunerako dugun joera kontuan izanda...” Jeu de Paume-ri buruz idazterakoan Iban Zalduak Volgako Batelarien blogean idazten zuen “egileak narratzailearentzat aukeratu duen idazkera estiloak (zuzena, esaldi laburrak) on egiten dio testuaren irakurgarritasunari”, eta horixe izan zen, hain justu, nire Kasandra leihoan-en landu eta garatu nahi izan nuen idaztankera. Horretaz gain, Aselek dio “Fitok berak sortu duen terminoak sailkatzen du liburu hau: saiakela”. Urte batzuk pasa ondoren, Kasandra leihoan La ventana de Casandra bihurtu zen Joxe Kanpo Barandiaranek egindako itzulpenari esker (2012), eta, Madrilgo Muga liburu dendan aurkeztu ondoren, Hego Ameriketara joan nintzenean liburuaren berri ematera, Asel aurkitu nuen Buenos Airesen eta berak aurkeztu ninduen ni euskara hutsez burutu genuen ekitaldian, han dagoen Euskal Etxeetako batean. Liburua aurkezterakoan bere blogean agertu zuen esaldi hura errepikatu zuen “liburu hau saiakela da”. Orduan konturatu nintzen ez ginela hitz berri bati buruz ari, indarra hartzen ari zen literatur kontzeptu berri bati buruz baizik. Asel Luzarraga idazle, blogari, filosofo, anarkista eta idazle euskalduna da. Elkarrekin aritu ginen Euskal Idazleen Elkarteko Zuzendaritzan eta baita Euskal PENeko Zuzendaritzan ere. Txilen, 2009an, atxilotu zuten “bonbak jartzeagatik”, eta zigor bat jarri zioten, herrialdetik kanporatzea ekarriko zuena. Muntaia hori maputxe herriaren errepresioa bere blogean salatzearen ondorio izan zen, eta, berak nabarmentzen duenez, haren izena Interpoleko zerrenda beltzean sartu zuten. Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarra kasua aztertzen ari da. 2009ko abenduaren 31n, dozena bat karabinero zeuden Asel Luzarraga idazlearen etxean, Txileko Araukanian. Handik ordu batzuetara, bera atxilotu zutenek azterketa mediko batera eraman zutenean, telebistako erreportari batek interpelazioa egin zion: “Nola definitzen duzu zure burua?”. Luzarragak erantzun zion: “Zertaz akusatzen naute?”. “Lehergailuak”. “Lehergailuak?” —harrituta erantzun zuen, aretotik atera aurretik, “Ez naiz kulpantea!” beldurgarri bat bota zuen. Hala eta guztiz ere, 24 ordu baino gutxiagoan Temucoko espetxe probintzialean berehala sartzeko agindua eman zen. Han, maputxe herriko hainbat aktibistarekin bat egin zuen. Gobernuak berak argi utzi zuen, atxilotu eta zazpi egunera, eta errugabetasun presuntzio oro alde batera utzita, bere kanporatzea dekretatuz. Kanporatu nahi zuten, eta, ahal zela, isilik, eta, horretarako, hainbat karabinero kargudunek eta Fiskaltzak berak osatutako muntaketetan espezializatutako sare batek, urte luzez maputxeen ekintzaileen aurkako antzeko jokabide sistematikora ohituta baitzegoen, estatuaren baliabideak mobilizatu zituen lardaskeria batean, jakinik beren epaile leialek ez zutela haren kontrako epai bat idazteko gehiago beharko. Egia esan, batez ere Euskal Herrian, eta beste leku batzuetan ere, hala nola Argentinan, Uruguain, Espainian eta Txilen, berehalako erreakzio bat izan zen, eta gainezka egin zuen, espero ez zelako, eta Vane haren neska lagunaren bidez helarazi zizkioten maitasun eta elkartasun dosiengatik. Euskal Herrian era guztietako jendea bildu zen plataforma batean Aselen alde. Anarkoetatik hackerretara, idazleetatik, musikarietatik, antimilitaristetatik... elkartu ziren. Zalantzarik gabe, funtsezkoa izan zen Euskal PEN Klubaren lana, idazleen eta kazetarien elkartea, giza eskubideen aldeko elkarteak eta abar. Gogoratu behar da hamar urteko zigorra eskatzen hasi zirela, Lege Antiterrorista aplikatuz, zigorren iraupena bikoiztu egiten baitu. Azkenik, Fiskaltzak eta Estatuko abokatuak bost urteko zigorra eskatu zuten, baina hiru epaileek —horietako bi hurrengo urtean ikertuak eta kondenatuak izan ziren eta CIDHek (Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak) aintzakotzat hartu du frogarik gabe maputxeak zelatatzen aritu zirela—, beste muntaketa sonatu baten barruko arraza aurreiritzietan oinarrituta, interpretazio gaiztoak egin zituzten, aldi berean kondenatzeko baina zigorra modu irensgarri batean emateko. Horrekin batera emandako kanporatzeko aginduak ez zuen eperik; beraz, ia hamar urte geroago Txilera sartzea debekatuta izango du. Baina hori ez da guztia: 2019ko otsailean, aste batzuetarako Argentinara itzuli zenean, bizileku iraunkorra duen lekura, bere lagunak ikustera eta han argitaratzen zioten hirugarren eleberria gaztelaniara itzulita aurkeztera, ustez ez zuela inolako eragozpenik izango herrialde hartan sartzeko, aduanan ordubetez eduki zuten Migrazio Bulegoan. Txileko prentsa, Estatuaren interesen bozeramaile gisa, ez zen Aselen ezaugarrietako batzuk nabarmentzeaz nekatzen: euskalduna izatea —baita ETArekin eta FARCekin omen zituen loturak iradokitzea ere—, anarkista izatea eta punka izatea, nahiz eta, bistan da, idazle izatea zela gutxien gustatzen zitzaiena. Samuel Tannhäuser, nire Faustoren itzultzailea, Werther zena hezur-haragizko bihurtu zen moduan, Asel, Txiletik alde egitera behartutako euskal idazlea izan zen nire Kasandrari hezur-haragizko soina eman diona. Dena den, Madrilgo aurkezpenean parte hartu zuen Carlo Frabetti adiskideak esan zuen moduan, La ventana de Casandra liburu horretaz errazago hitz egin zezakeen bere aitarekin bere balizko semearekin baino, zeren bertan aipatutako filmak eta liburuak, irudiak eta idazleak, orain arteko belaunaldi ezberdinen arteko zubiak izan badira ere, hemendik aurrerakoentzat, berriz, ezezagun bezain arrotz bihurtuko baitira Internetek irekitako leiho aniztasunaren ondorioz. Fabrettiren arabera, saiakela hau “filmak kontatzeko aitzakiatik haratago doa. Alde horretatik, obrako pertsonaiek, Apok eta Casandrak — gure euskal Ihardets Apo bihurtu zen gaztelerazko bertsioan— elkarrizketa filosofiko bati ekiten diote film klasikoen bidez, hala nola Alfred Hitchcock-en Ventana indiscreta edo Alain Resnaisen Hiroshima mon amour, baina George Choneyren Buenas noches y buena suerte filmografia gaurkotuagoa ahaztu gabe”. Ildo beretik zioen Carlok “Casandraren garaian (izena pertsonaia mitologiko grekoaren izaerari dagokionez) mitoak zirenak zinemaren mitoak dira orain. Hori Platonen haitzuloaren mitotzat har daiteke, non pantaila itzalak —Frabettiren iritziz betiere— ez dira murrizten, baizik eta handitu egiten dituela leize hiperplatoniko batek, errealitate aberasgarri eta arriskutsu batekin lotzeko modua ematen duenak. Testuinguru horrek aukera ematen du gai filosofikoei ekiteko, hala nola zoriontasunari, bakardadeari edo heriotzari...”. Ildo beretik, baina askoz politikoago izanik, hitz egin zuen gurekin aurkezpenean aritu zen beste idazle eta lagun batek: “Beldurra, terrorismoa (eta Estatuarena baino okerragorik ez dago) baita Euskal Herriko egoera ere dira Fito Rodriguezek bere lanean jorratzen dituen gaiak”. Honela aurkeztu zuen, Madrilen, Andrés Sorel Espainiako Idazleen Elkarteko idazkariak Kasandra leihoan-en gaztelaniazko itzulpena (Txalaparta, 2006). Andrés Sorelek, frankismoaren urte beltzetan “Radio Pirenaican”aritu zen kazetari klandestinoa izan zena eta Santiago Carrillok PCtik botatako kulturaren militantea, asko eman zuen idazleen lana defendatzearen alde, baina 2019ko urtarrilaren 7an hil zen. Bera gogoratzeko honako hau idatzi nuen nire blogean (<https://www.naiz.eus/eu/blogs/kalendak>): Andrés Sorel hil zenean, sartu nintzen La Antorcha del siglo XX izeneko bere blogean, eta hau aurkitu nuen: “Hau Fitoren gainean idatzi dudan azken lana izan da, eta Memoriako zuloak bere poema liburu ederreko hitzaurrean agertu zen”. Fito hura ez naiz ni, Rafael de Cózar idazlea baizik, baina, egia esanda, Andrés Sorel bera ez zen Andrés Sorel ere, hori baitzen berak aspaldidanik erabilitako gaitzizena bakarrik. Horrela ezagutu nuen Franco oraindik bizirik zegoela, eta berak, nirekin topo egin zuenean, ez zekien Fito ere ezizena zenik. Bi idazle, bi fikzio, eta afekzio berbera: Literatura. La antorcha del siglo XX Austriako K. Kraus jadanik duela mende bat sortzen ari zen kultur eskumuturrari aurre egiteko egunkariaren berrargitalpenaren antzeko ahalegina izan da. Krausek bezala, Andresek idazten eta kaleratzen zuen berak bakarrik sasoi hauetan idazkera literarioaren bidez eskumako politika salatzeko. Eta herriaren, eta ezkerraren, eta iraultzaren alde... Antifrankista, antifaxista, komunista eta, oroz gain, idazlea izan da Andrés Sorel izenaren atzetik gorde den gizona, poeta, narratzailea, saiakeragilea eta, azken finean, eragilea. Ezin zuen bere izenean kontu korrienterik eduki Liberación izeneko egunkaria pikutara joan zenetik hartzekodunak bere atzetik ibiltzen baitziren. Idazleen sindikatuaren antzera izan zen ACEren (Asociación Colegiada de Escritores de España) idazkari nagusia urteetan, ahalik eta ezker abertzalearen ilegalizazio garaian Madrilen Sortu alderdi berria aurkezten lagundu arte. Izan ere, elkartasun internazionalistaren jarrera hori ez zioten barkatu, eta bere dimisioa eskatu —eta baita lortu ere— zuten Espainia ilunaren ordezkariek. Berak, halere, berean jarraitu zuen: Euskal herriaren, eta ezkerraren, eta iraultzaren alde... Eta bere idazkiek horrela segituko dute. Guregan bego. Kasandra leihoan-en edizioa Txalapartan prestatzen ari ginela, Eider Rodriguezek lana utzi zuen eta Mikel Sotok hartu zuen erreleboa. Garai hartan irakurri nuen Eta handik gutxira gaur Eiderrek Susan argitaratutako narrazioen bilduma ederra. Berak oso ondo ulertu zuen saiakela kontzeptua, eta argitaldari moduan horren alde egin zuen lan. Halere, inork gutxi espero zuen garai hartan, denboraren poderioz 2020ko konfinamendu garaian Twitteren zabaldutako Euskal Idazleen Mundiala aise irabaziko zuela, Sarrionaindiaren, Atxagaren, Harkaitz Canoren, Izagirreren eta beste askoren aurretik. Galderak eta erantzunak Kasandra leihoan liburuari buruz Asel Luzarragak bere blogean zioen bezala: “Niri filosofiaz, baita literaturaz ere, erantzunak emateko baino gehiago, galderak planteatzeko duen gaitasuna da gustatu zaidana beti. Agian etengabeko galderetan bizi naizelako, eta erantzun mugiezinak baino, behin-behineko irtenbide desegonkor eta aldakorrak maiteago ditudalako”. Hori sakondu nahian idatzi nuen Jerusalemen, Xalimen hiria (Utriusque Vasconiae, 2008) tokiak duen izaera sinbolikoagatik, beste toki eta gauza askori buruz jarduteko bidea eman zidalako eta, bereziki, benetako galderak, niretzat behintzat, eta benetako erantzunak behar ditugulako. Jerusalem, Xalimen hiria liburuarekin jarri zuen abian Utriusque Vasconiae argitaletxeak Ideiak sail berria. Argumentuaren haria hauxe zen: zigortuta, ikasgelatik bota dituzten hiru ikasle —Joxe, Miren eta Josu—, eta Jerusalemi buruz hitz egitera joan zaien irakasle bat —Artizarne— solasean korridorean: ikasleen galderek eta andereñoaren erantzunek osatzen dute liburua. Israel eta palestinarren arteko gatazka du atze oihal, baina beste eszenatoki askotara eraman litezke liburuko burutazio eta gogoetak. Kasandra leihoan edo Jeu de Paume liburuak bezain arin irakurtzea zen helburua, baina, agian, niretzat ez zen horren erraza izan. Nik idazten ditudan liburuetan ohikoa denez, hau ere generoz kanpo dago, transgenerikoa dela esan liteke. Honetan badago, gainera, azpi-irakurketa sinboliko bat, Jerusalem bera sinbolo bat delako eta literaturak hori eskatzen duelako: bigarren irakurketa bat, iraungo duen irakurketa. Hori guztia kokatuta dago bost pertsonaien arteko elkarrizketan, eta konposatuta Jerusalemek zituen hamaika ateen arabera; hamaika zenbakiak “jakin-minaren aldarrikapena” egiten du, besteak beste, Israel eta Palestinaren arteko gatazkan sakontzen duen Jerusalem, Xalimen hiria hizketaldi itxurako liburua baita euskaraz ere, duen ukitu sinbolikoa ahaztu gabe, gure gatazka politiko bortitza bor-bor baitzegoen. Eta hasiera batean erraz irakurtzen bada ere, hori zen nire hastapeneko asmoa batik bat, hau ere bigarren irakurketa baterako liburua da. Atal bakoitzari aurkitu behar zaio bere gakoa. Galderen bidea aukeratu nuen liburua egituratzeko, irakasleon deformazio profesionalak behartuta, agian, zeren, irakaslea izanik, eta maite dudan idazle on batek (Koldo Izagirrek) behin eta berriro esaten badit ere ahaztu egin behar dudala hori, ezin dut, eta, beharbada, horren eraginez landu nuen galderen bidea, hori baita nire ustez mundu honetan jakin-mina asetzeko erabili behar duguna. Azkenean, hori da liburuak ematen duena... Gauza konkretu eta jakingarri batzuk kontatzen dira, agian norbaitentzat berriak izango direnak, baina batez ere jakin-minaren aldarrikapena da, eta nazionalismoak, politikak eta erlijioak duten funtsezko esanahiaren aldarrikapena. Liburua zabaltzeko aukeratu nuen pasartean poeta batek “erantzun zuzenak” eskatzen zituen (Henrich Heine). Liburuan, berriz, ikasleen jakin-mina asetzeaz arduratzen den andereñoak dio berak ez daukala erantzun biribilik. Liburuak ere ez du hizpide duen ez hango ezta inongo gatazkaren inguruan ere erabateko erantzunik ematen. Erantzunik ez baitago. Ez du soluzio orokorrik ematen, baina zenbait momentutan irtenbide zehatzak ematen ditu. Poeta aleman ero batekin hasi nuen liburua eta poeta palestinar batekin amaitu. Poeta alemanak, bere erotasunean, erantzun zehatzak eskatzen ditu, baina ezin da erantzun zehatz bakar bat eman, erantzun desberdina baita judu batena eta palestinar batena. Erantzunak egon badaude, baina ez dute balio berdin guztientzat... Testuinguru horretan, zein da irakaslearen papera eta, orokorrean, zer egin beharko genuke? Bada, nire ustez, galderak egiten jarraitu eta galdetzen jakin, baina ez modu erretorikoan. Ez ditugu aldez aurretik erantzunda ditugun galdera erretorikoak behar, benetako galderak baizik. Eta benetako erantzunak, jakinik benetako erantzun horiek desberdinak direla norberaren arabera, momentuaren arabera, eta jakinik, halaber, erantzunak erantzukizuna dakarrela. Neurri batean, liburua erantzukizunaren aldarrikapena ere bada: egiten dugun guztiak ondorioak ditu, eta egiten dugunaren ondorioen jabe ere bagara. Aldarrikatzen dut, beraz, jakinmina dela ezagutzarako bidea, eta aldi berean beharrezkoa dela erantzunak berekin dakarren erantzukizuna onartzea eta erantzun berriak bilatzea. Elkarbizitzaz mintzatzeko baliatu nahi du andereñoak elkarrekin bizitzeko gaitasun urria azaldu duten israeldarren eta filistindarren arteko auzia. Ahalegin zaila... eta, ildo beretik, alegoria halako bat ere bada hori... Bizikidetza aipatzen denean, bizi ahal izateko behar den gizarte egituraz ari gara, oharturik gizarte egitura horiek agian ez dutela ia balio. Galdera hori ere egin behar da, baina galdetzeak suposatzen du erantzunak entzuteko eta aintzat hartzeko prest zaudela. Hori ez dagoen bitartean, galdera faltsua da, erretorikoa. Mota askotako galderak egin behar dira eta mota askotako erantzunak daude, baina hori bakarrik gerta daiteke galderak egiteko debekurik ez dagoenean eta, alderantziz, galderarako joera sustatu eta areagotu egiten denean. Ezagutzara hurbiltzeko bide oso egokia izan daiteke baina, egunotan Gazan eta, oro har, Palestinan gertatzen ari denaren aurrean, bide abstraktu samarra bada ere handik eratorritako ikasgaia da. Nik liburu hau idatzi bainuen hara joan ondoren, baina, halere, ezagutzak balio du nahiz eta, azkenean, balio duena borondatea izan. Ezagutzan sakondu behar dugu, jakin-mina sustatu behar dugu, galderak egin behar ditugu, baina galderak egiten ditugunean sartzen gara ezagutza baino gehiago den arlo batean: gogoaren eta ekintzaren arloan. Gure mundu berri honetan dena dago airean, izaera guztiak daude egiteke, krisialdi latzean gaude, ez bakarrik Jerusalemen baizik eta orokorrean eta liburuak zein hiriaren sinboloak, alegoria diren neurrian, hori islatzen nahi dute. Ematen du gizaki arruntok oso urruti gaudela arazo handiak kudeatzen dituztenengandik, baina, ba al dugu ezer aldatzeko gaitasunik?, horixe litzateke galdera. Nik ez daukat soluziorik, jakina, daukadana erantzukizuna da. Norberak badu erantzuteko arlo bat, izan daiteke irakaskuntzan, izan daiteke kazetaritzan, izan daiteke literaturan edo politikagintzan edota auskalo non. Bakoitzak bere arloan erantzukizun hori eskuratu behar du ezinbestean, dela hizkuntzarekin, kontsumoarekin, hautu politikoekin... Elkarrizketa eta bizikidetza hortik etor daitezke, betiere zintzotasunetik abiatuta, ez faltsukeriatik. Gertatzen dena da, hain justu, gizaki egiten gaituena dela gezurra esateko gaitasuna... (urte batzuk pasatu ondoren, gai hori saiatu nintzen jorratzen Fake news-ak ez dira atzo goizekoak izeneko liburutxoan) Israel eta Palestinaren arteko gatazkaz ari denean ustezko “simetria” aipatzen du momentu batean nire liburuan agertzen den irakasleak. Kasu horretan, posible al da simetriaz mintzatzea? Ez dut uste, simetriarik ez dago batere. Aipatu kasuan Israelek estatu bat du babesleku, eta palestinarrek ez dute estaturik, ez dute eskubide politikorik eta nazioarte mailan horiek errespetarazteko inolako egiturarik ere ez dute. Horregatik lortu du Hamasek horrenbesteko babesa palestinarren artean, kontrabotere moduko bat eratu duelako, medikuak lortu dituelako, irakaskuntza sustatu duelako, ezer ez zegoen tokian zerbait sortu duelako. Egiptoarren esku egon zen lehenik Gaza eta israeldarren menpe ondoren, erabat utzita. Dena da hondartza, baina debekatuta zuten hondartzara joatea, urteetan zaborra jasotzea ere debekatuta egon da, Gaza zabortegi bat bilakatuz. Beraz, palestinarrei asko falta zaie ezinbestekoa den simetria minimo bat lortzeko. Gero, gutariko bakoitzak ikusi beharko du zer egin dezakeen bere alorrean gutxieneko simetria hori aldarrikatzeko, baina, dudarik ez dago, liburuan agertutako tokiak, egoerak eta haiek denak pentsatzeko moduak gurera ere ekar genitzakeen. Bizikidetzara eta elkarrizketara jo nuen Jerusalem, Xalimen hiria saiakela berrian. Galdera-erantzun joko batekin hamaika ate zabaldu nahi nituen liburu horrekin, eta, palestinarren eta juduen arteko borrokaren egitura aztertuta, abiatu nahi nuen euskal gatazkari buruz bestelako gogoetak sortzeko baliagarria izan zitekeen eztabaida ere. Berriro saiakela omen zen plazaratutako lan literarioa, hau da, lehen bezala saiakeraren eta nobelaren arteko hibridoa, baina Jerusalem, Xalimen hiria liburu hau “elkarrizketaren aldarrikapena zen neurri handi batean” eta, era berean, bizikidetza eta bizitzari buruzko diskurtso berritua. Liburua hamaika atetan egituratzen nuen, Jerusalemgo harresiak dituen hamaika ateek banatzen dituzte atalak hain zuzen, eta hizkera naturala bezain sinplea erabiltzen dut, aipatu bide horretan sakondu ahal izateko ere. Bizikidetza hizketagai filosofia eskolan, atzeko lerroetan hizketan aritu ziren Joxe, Maria eta Josu, eta irakasleak ikasgelatik kanpora bidaliko ditu, eta, kanpoan daudela, Artizarne izeneko andereñoa hurbilduko zaie bizikidetzari eta Jerusalemi buruz hizketan hasteko. Elkarrizketa hori, berriz, hamaika ataletan banatuta dago. Hamaika, zenbaki zehatz gisa erabiltzen dut, alde batetik Jerusalemgo harresiak hamaika ate dituelako, baina baita kopuru mugagabe gisa ere (honek, urte batzuk geroago, hamaika komeria eginarazi zizkidan gaztelerazko bertsioa itzultzeko garaian...). Alde batetik, zenbaki zehatzak direla medio, arrazionala dena azaltzen da eta, bestetik, zenbaki mugagabeen bidez, irrazionala denaz, baita bi alde haien arteko korapiloez, agerrarazteko aukera eman zidan. Aurkezpenean lagun izan nituen Jokin Apalategi argitaratzailea eta Joxemiel Bidador poeta eta eruditua —handik gutxira zendu zen adiskidea eta liburu honen hitzaurrearen egilea—. Hala, Utriusque Vasconiae argitaletxeko Jokin eta Ur Apalategik nola Paulo Iztuetak ere, beti babestu eta sostengatu dute nire literatura plazaratzeko gogoa, nahiz eta ederki jakin askotan nire idazkiak ez zirela irakurle arruntarentzat eginak eta, beraz, merkatuaren ikuspegitik behinik behin, ez zirela errentagarriak izango. Bere hastapenetatik, behin baino gehiago merkatuaren aurka, euskal kulturan saiakera txertatzeko Utriusque Vasconiae argitaletxeak egindako ahalegina azpimarragarria da. Dena den, kasu honetan behintzat, edizio osoa saldu zenez, aipatu testua liburutegietan besterik ez zen aurkitzen, argitaletxearen funtsak digitalizatzeko Utriusque Vasconiaeren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean sinatutako hitzarmenaren bidez alea sarean eta modu askean ezarri arte. Liburuak, poeta palestinar baten olerkia gogoan hartuta —“Zure isiltasunak min egiten dit, biziak bezainbeste, denboraren jarioak beste”—, israeldarren eta palestinarren arteko borroka hartzen zuen erdigunetzat, eta, hortik abiatuta, munduan jazotzen diren gatazka guztietara heltzeko helburua zeukan. Hitz egin behar baita, idatzi behar baita, hor gertatu denari buruz, han gertatzen ari zena hemen ere gertatzen ari zelako. Ez da alegoria liburua, bada, oso lotura zuzena duelako munduan gertatzen ari diren askapen borroka guztiekin eta, ez bakarrik orain dela gutxi arte gertatzen ari zenarekin, historian zehar gertatu denarekin ere bai. Horregatik ekin nion saiakela berri honi. Liburuaren iruzkinen artean, aldiz, mota ezberdinetakoak izan arren, Gara-n Ion Olanok argitaratu zuenak (2008-12-19) pentsatzeko asko eman zidan. Honatx Olaren hitzak: “Iragan maiatzaren 14an bete ziren hirurogei urte munduko estatu judu bakarra ofizialki eratu zenetik. Legezko hiri- burua Tel Aviv izan arren, Jerusalem da israeldarrentzat hiriburu sinbolikoa. Palestinarrentzat ere, hura da etorkizuneko Palestinako Estatuko hiriburua. Jeriko eta beste gutxi batzuen ondotik, munduko hiri zaharrenetakoa da Jerusalem. Hiri hura hartu du ardatz Fito Rodriguez idazleak bere azken lana osatzeko, Utriusque Vasconiae argitaletxeko Ideiak sail berria zabaltzen duena. Idazleak lan honetan ere mantendu du hibridismorako joera, bere azken literatur lanetan bezalaxe. Izan ere, mamiz saiakera dena elkarrizketa azalez jantzi du oraingoan Rodriguezek. Alemaniako poeta judu baten aipuak zabaltzen du liburua: “Betiko galdera madarikatuei / erantzun zuzenak emazkiezue”. Hala idatzi zuen Heinrich Heinek 1853an. Liburua ixten duen aipua, berriz, Fawà Tùqán poeta palestinarrarena da: “Gaur hitz oro gatz da, gau honetan / Ezer ernetzen ezta loratzen ez duen gatz...”. Bi aipu horien artean hedatzen da elkarrizketa moldez idatzitako saiakera laburra, 11 atalek banatzen dutena. Jerusalemgo ate banaren izena du atal bakoitzak: Damaskokoa, Jaffakoa, Simaurrena, Indusketena, Ate bikoitza, Ate hirukoitza, Lehoiarena, Siongoa, Herodesena, Urrezkoa eta Ate berria. Hala egituratzen da liburua, eta elkarbizitzari buruz hitz egiteko aitzakia den istorioa, honakoa da: ikasgelan, Platonen Elkarrizketak lanak pentsatzeko modu berri bat abiatu zuela azaltzen ari da irakaslea, eta bitartean, atzeko ilaran eserita dauden Josu, Miren eta Joxe ikasleak hizketan ari dira. Horrexegatik, ikasgelatik kanporatu ditu irakasleak, eta kanpoan direlarik, Artizarne izeneko andereño berezi baten bisita izango dute gazteek. Elkarbizitza zer den ikasi behar dutelakoan, Jerusalem hiriari buruz mintzatzen hasi da Artizarne. Ikasleei azaltzen die hiriaren izenaren jatorrian ez dagoela Shalem (bakea), Xalim baizik, “Venus jainkosa odoltsu bezain ankerra”. Artizarnek ohartarazten die erantzun biribilik ez duela emango, aitzitik, erantzukizuna bakarrik irakasten duela berak. Galdera-erantzunen artean azaltzen du, halaber, egungo liskarren zioa, erlijiozkoa eta ekonomikoa izateaz gain, arkeologikoa ere badela, diruaren oinarrian fedea dagoela, ikurren erabilerak bereizi duela gizakia gainerako animalietatik. Hain justu, zibilizazioaren ikur gisa baliatzen du Jerusalem: “gizakion babeslekuaren irudia eta gizarte zuzenaren itxaropena iradoki dituen ikurra dugu, kontraesan eta guzti”. Badirudi, egileak elkarrizketaren itxura eman diola lanari, besteak beste, saiakerak azal irensgarriagoa izan dezan. Eskertzekoa da ahalegin hori, ene ustez hankamotz samar gelditu den arren. Izan ere, sinesgarritasun handirik ez dauka istorioak, ezta pertsonaien hizkerak ere. Artizarneren jarioa kasik entziklopedikoa da, eta gainerako hiru pertsonaien ahotsak ez daude sobera bereiziak. Testuak baditu umore printzak han-hemenka, hitz-jokoetan oinarrituta gehienbat. Horrez gain, diziplina askotariko ezagutzak biltzen ditu Artizarneren diskurtsoak, eta adar askotan kiribiltzen denez, zenbaitetan nahasgarria suerta daiteke. Nolanahi ere den, zinez interesgarria egin zait mami aldetik elkarbizitzari buruzko elkarrizketa, baita liburu hau gaur eta hemen argitaratzea ere.” Beraz, Ion Olanoren ustez “sinesgarritasun handirik ez omen dauka istorioak, ezta pertsonaien hizkerak ere. Artizarneren jarioa kasik entziklopedikoa da, eta gainerako hiru pertsonaien ahotsak ez daude sobera bereiziak”. Liburuetako lehen lerroko protagonisten eta gainerakoen artean dagoen asimetria ezaguna da grekoek tragedia eta komedia landu zutenetik, zeinetan protagonistek eta haien ingurukoek da- rabiltzaten hizkera zeharo ezberdina ez ezik inguruko ia denek antzerako hizketa modua erabili ohi duten, eta nire Jerusalem eskema horren arabera egitaratuta dago: protagonista nagusia (Artizarne), bortxaren jainkosa beraz, eta haren korua (ikasleak), zeintzuk, nire aburuz behintzat, elkarren ondoan babesten diren haien galdera ezberdinak direla medio. Liburuaren ardatza Platonen elkarrizketen moduko idazkera dela aipatu zuten iruzkin egileek baina, giro horretan, ez zeuden bakarrik Gorgias, Menón, Eutidemo, Hipias, Kratilo edota Menexeno, orduko antzerki giro kulturala baizik: Eskilo, Euripides, Sofokles... eta Platonek bezainbeste erabili ohi zuten protagonisten arteko asimetria hori. Nire Jerusalem, ordea, elkarrizketaren aldarria izateko modu elkarrizketatuan idatzi behar nuen, nahiz eta, ohiko ereduen arabera, pertsonaien arteko asimetria erabili. Horrela, gainera, testuan bertan arestian esaten nuen bezala... Israel eta Palestinaren arteko gatazkaz ari denean ustezko “simetria” aipatzen du momentu batean nire liburuan agertzen den irakasleak. Bestalde “balizko sinesgarritasun faltari” zera deritzot, hauxe, protagonisten asimetriak berarekin bat dakar bizitza errealerako pertsonaia literarioaren berezko sinesgarritasun falta, berez neurriz gorakoak behar direlako izan, ahohandiegiak. Horrela dira Kixotea, Hamlet, Bloom jauna edo Pipi Lamstrung bera ere... Egia da Literatura artea dela eta ez diola errealitateari erabat erantzun behar, baina sinesgarria izan behar du irakurlearen ikuspegitik. Irakurleak ahaztu egin behar du fikzio bat irakurtzen ari dela eta bizi egin behar duela, eskaintzen zaizkion datuez fidatu eta zerbait berri baten aurrean dagoela konbentzitu. Kontakizunak oreka behar du, misterioari eutsiz. Horrela, funtsezko helburura hurbilduko gara: dibertitzea eta irakurtzen denari buruzko gogoeta eragitea. Edozein modutara ere fikzioak errealitatearen sinesgarritasunarekin apurtu egin behar du bere hastapenetatik. Sinesgaiztasunaren suspentsioa subjektu batek bere zentzu kritikoa alde batera uzteko (bertan behera uzteko) duen borondatea adierazten duen adierazpena da, gertaera faktikoak eta bere errealitatearen pertzepzio jakingarria kontuan hartu gabe, murgilduta dagoen fikziozko lanean (adibidez, Artizarne andereño jakintsua korridorean egotea), eta aukera ematen dio lanean erakutsitako fikziozko munduaz barneratzeko eta gozatzeko. “Sinesgaiztasunaren suspentsioa” adierazpideak tradizio du literaturan, zineman edota telebistan eta antzerkian ere erabili izan da. Zein da arazoa, bada? Saiakera, normalean, liburu dendetan edo liburutegietan, merkatuan zein akademian “ez-fikzio” genero gisa sailkatua dagoela eta, beraz, “sinesgarria” behar duela izan. Baina, orduan, zer dira “Platonen elkarrizketak”, filosofia edo literatura? Nire Faustoren itzala-n bi ahots aritzen dira, monologo gisa, bat eskutitz baten eta bestea bideo zinta baten bidez, historia garai banatan, ezberdinduak, baina, finean, elkarrizketan. Kasandra leihoan, berriz, saiakela elkarrizketatua da, Kasandraren eta Ihardetsen arteko solasaren arabera eraikia. Eta Jerusalem azken hau protagonisten araberako hizketaldien gainetik garatzen da. Zer dira hauek denak, literatura dramatikoa? Euskarazko lehenengo eleberriak ere (Peru Abarca) Peruren eta maisu Juanen arteko elkarrizketak ditu oinarritzat... antzezteko testua al da? Berez ez, jakina, baina norberak irakurtzeko hizlaua izateaz gain antzerki gisa aurkez daiteke giza talde baten aurrean. Eta, egia esanda, nire Kasandrak asko zor dio eredu horri. Beraz, nire testuek antzerkitik ere badute, noski: autuaren hautua, baina eleberritik eta saiakeratik ere edaten dute denek. Adibidez, nire Jerusalem horren irakurketa dramatizatua egin genuen Donostiako Ibaetako orduko Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako gradu aretoan, eta irakurle/aktoreak Ramon Agirre, Dorleta Urretabizkaia eta Aitziber Garmendia izan ziren, besteak beste. Saiakelen hautuarekin ezabatu nahi izan nuen nik ohiko izan den literatur genero bereizketa gaizto hori eta, bide batez, aspaldiko ahotsak entzun eta idazteko praktika zaharrak (literaturaren hasieran bertan aurki daitezkeenak...) berreskuratu eta aldarrikatu, nahiz eta, Jerusalem honetan bezala, hori egiteagatik ez zegozkidan kritikak jaso behar. Literatura trans Literatur generoen arteko bereizketa didaktikak eragin zuen, eta baita, esaterako, belaunaldien arteko sailkapena edota literaturaren historian erabili ohi den hurrenkerak ere. “Pedagogiak ezaguera ikasgai bihurtzen du” zioen Miguel Unamuno zenak. Belaunaldiei buruz, adibidez, M. Mead antropologoak dioena (“egungo belaunaldien artean ez dago loturarik erabateko haustura baizik”) kultura garaikidearen funtsezko ezaugarria iruditzen bazaigu ere, ez du argitzen zergatik erabiltzen den oraindik “belaunaldi” kontzeptua Gizarte Zientzietan, Artean, Eskolan zein Literaturan. Soziologoek diotenaren arabera, berriz, gaurko gazteek ingurukoei erreparatzen omen diete gehiago beren gurasoen jarrerei baino, beren bizitza kudeatzerakoan. Horixe zioen Carlo Frabettik Kasandraren gaztelerazko ordaina Madrilen aurkeztu genuenean. Beraz, alor horretako adituen ikuspuntutik, belaunaldi kontzeptua baliagarria litzateke gizartea ikertzeko, baina ez literatura besterik gabe erabiltzeko behintzat. Gauza bera, noski, literatur generoen arteko ustezko sailkapenaz ari garelarik. Dakigunez, etimologikoki, generoa genusetik dator, eta, leinuaren erreferentzia ez ezik, mota edo gaia, hau da, sailkapenerako kontzeptua ere bere baitan dakar, berez. Dena den, gai honetaz niri interesatzen zaidana zera da, nola eta zertarako darabilen eskolarizazioak genero sailkapena. Hots, eskolakuntzak zer-nolako kultura gizarteratzen duen, eta gure kasuan, zer nolako euskal literaturaren antolaketa eskolaratzen duen bereziki. Diogenes Laertzio zenak (III. mendean) sailkatu omen zituen filosofo greziarren “eskolak” testuliburuetan, eta handik aurrera hasi ziren eskolaratzen “heraklitozaleak”, “aristoteleszaleak”, Zalduak eta Savaterrek gustuko dituzten “sofistak” eta gainerako izendapenak... Nahiz eta garai hartarako ere sailkapen hura halamoduzkoa izan, orain arte irautea lortu du, jakintza “eskolatzerako” erabilia izan baita etengabe. Gurera itzuliz, literatura eskolaratzeko erabili izan ohi diren prozeduretan, eta usadiozko metodo haiek garatze bidean sorturiko testuliburu nahiz proposamen didaktikoetan ere, egileak eta idazkiak antolatu, erakutsi eta irakasteko, kronologia izan du oinarri hautatu izan den sistemak. Askotan, aipaturiko ikuspegi historikoak ustezko belaunaldiak hartu izan ditu bere jarioaren neurritzat. Beste batzuetan, berriz, garaia edota “eskola” kontzeptuak erabili izan dira, literaturaz jakin beharrekoa balizko jarraipen batean-edo eratu nahian. Helburua, kronologia makulu, literaturari buruzko etenik gabeko diskurtso ortodoxo bat finkatu beharra izan da beti, non haustura hondamendiarekin parekatzeraino iristen baita eta, idazkera desberdinak zein bere hartan ezagutu ordez, idazki guztiak elkarren arteko ustezko eraginen arabera kokatzen baitira literaturaren historian, beronen “aurrerakuntzaren aldeko” eragile gisa aurkeztuz. P. Bourdieu zenak honetaz guztiaz argi ohartarazi zigun arren, testu bakoitzaren berezitasunari antzematea galarazten digun Historiaren erabilera hori jadanik Nietzscheren genealogiatik hasi eta Heideggeren “mintzaira enea”raino aurki daiteke, baita Horkheimer, Adorno, Arendt, Foucault, Gadamer edo Ricoeuren izkribuetan ere. Horietan guztietan Platonengandik Hegelengana onarturiko binomio hura —hau da, historia progresoarekiko identifikazioa aldarrikatzen duena— unean uneko bakantasuna eta gizadiaren funtsezko irrazionaltasuna ezkutatzeko erabili den aurreiritzi faltsua besterik ez da, eta huts epistemologiko nabarmen baten erakusgarri. Hezkuntzak, platonismoaren egikaritzea izateagatik hain zuzen ere modernitatearen zeregina denez gero, curriculuma eratzerakoan historiari eman dion garrantzia begi bistakoa dugu; horregatik, literaturaren arloan ere, generoak, belaunaldiak, garaiak edo eskolak aipaturik, kronologiaren bidezko hautu historizista argia da oso irakaskuntzan ere. Platonen aurreko sofistek erabili zituzten izkribuak (paradeigmatak) kronologia jakin batetik at izan omen ziren erabiliak. Hel- burua, beraz, eskolaz kanpoko esapideak irakaskuntzara eramatea zen. Hots, idatz-ereduak helaraztea. Aristotelesek egindako testuen artean, ordea, batzuk bere pentsamenduak gizarteratzeko egin zituen bitartean (exoterikoak), besteak, berriz, Lizeoko bere irakaskuntzan aritzeko prestatu omen zituen (esoterikoak). Azken hauexek dira, ziur aski Aristotelesek idatzi ez zituenak hain juxtu, egun ezagutzen diren bakarrak, exoteriko guztiak galdu egin baitira. Haietan ere ez bide zegoen ordenu kronologikorik, taxonomikoa baizik. Diogenes Laertziok III. mendean irakaskuntzarako bereziki paraturiko Filosofo ospetsuen bizitza eta iritziak izeneko hamar liburukietan azaldu zituen lehen-lehenik “pentsamendu eskolak” ikuspegi historikoaz. Berak bereizi zituen betirako estoikoak eta epikureoak, eszeptikoak, gnostikoak edota hermetikoak. Lehenengo testuliburu historikoa izan zen hura, historiaren arabera kontzeptuak zein egileak aipaturiko eskoletan banatzen zituena, ustez irizpide pedagogikoaren onerako. Eta sistema horrek sekulako eragina eduki izan duenez, etengabe errepikatua izan da ordutik hona, nahiz eta, sistema hori dela medio, adibidez, Sokrates aurrekotzat izendaturiko filosofo batzuk Sokrates bera baino geroagokoak izan... Ildo beretik etorri ziren VI. mendeko Sevillako Isidororen hogei liburukien Etimologiak, Trivium eta Cuadrivium, hau da, geroko unibertsitateetan irakatsiko zen oinarrizko jakintza, kronologiaren arabera antolatzeko joera. Antolaketa didaktiko-kronologiko hauen funtsak, goian adierazi bezala, platonismotik heredaturiko jakintzaren sakralizazioa eta koherentzia finkatzea zuen helburutzat. Belaunaldiei dagokienez, Eduardo Gil Berak aztertu du hitz horren etorkia. Hots, cneodan anglosaxoieraz; goné: belauna indoeuropeoz; genos: grekoz; genu: latinez; belaun: euskaraz... hau da, aitak jendaurrean semea ezagutarazten duenean belaunen gainean erakusten duen keinua (genusetik generazioa, alegia...). Aitoren semearen seinale publikoa. Gizasemearen genealogiaren bidezko onarpen publikoa eta legitimazioa. Izan ere, belaunaldi jakin batekoa izateak ematen baitu giza zilegitasuna. Leinu, jatorri jakin batekoa ez dena ez baitago gizartean onarturik. Euskal literaturaren historia definitzerakoan funtsezkoa izan zen Luis Villasanteren liburuan belaunaldi kontzeptua, adibidez, honela erabilia: “Larramendiren belaunaldiak hamalau idazle biltzen ditu”. Beste batzuetan “eskola” hitza aukeratzen da idatz-tankerak bereizteko eta taxutzeko (Sarako Eskola..., esate baterako). Ahozko produkzioa azaltzerakoan “garaika” antolatzen dira bertsolariak (Fernando Amezketarraren garaia, Etxahunen garaia, Xenpelarrena...), edozein modutara ere, eta goian adierazi bezala, kronologia harturik. Nahiz eta zenbait adituren ustez, Patxi Salaberri Muñoa kasu, eskola hitza erabiltzea gehiegizkoa izan, Sainte Beuvek zioena parafraseatuz, “liburuen ordenua ezagutzeak liburuak irakurtzetik salbuesten duelako”, eskola curriculumak historiak ezarritako hurrenkera erabili ohi du belaunaldiz belaunaldi besterenganatu behar den jakintza zilegia era pedagogikoaz antolatzeko. Honela, modu berean, gizarte jakin bati dagokion ezagueraren eraketak egitura narratibo bezain genealogikoa (literarioa) eskatuko duen bitartean, literatura irakaskuntzarako pedagogizatzeko asmoz idazkera bera literaturaren historia izatera mugatuko da norberaren literatur hautematearen garrantzia galduz. Prozedura ardatz honetan erabiltzen da literatur belaunaldiaren kontzeptua eskola jardunean. Alde batetik, gizarte egoera iraunaraziko duen Historiaren ikuspegi jakin bat beste edozeinen gainetik helarazi nahian, eta bestetik, paradeigmata edo testu ereduen arabera gizabanakoen eskarmentu literario askea galarazteko. Idaztea edo irakurtzea... norberak amets egitearen antzerakoa baita. Egun, berriz, literatura kultura eskolarraren ondorio gisa ikertu ohi da Soziologian, eta horren arabera egiten dira arloko ikerketak: eskolatuek zer erosten duten, nork nahiago duen eleberria aukeratu olerkia baino, eta abar... Datu horiek guztiek, zifrek, ezin izango digute adierazi, ordea, aipaturiko olerki edo nobela horrek norbanakoarengan zer-nolako bizipenak sortu dituen. Zeren idazketa edo irakurketa, oinarrian, bakoitzaren eskarmentuarekin lotuta doazen proposamenak baitira, bereziki. Hau da, irakurlea ameslari bihurtzen da liburu baten lerroetatik igaro ahala. Bere bizitzatik ateratako bizipenak liburuaren egileak proposatzen dizkion eredu desberdinekin alderatzerakoan, esperientzia berriak ari da bizitzen. Honi daydreams deitu izan zaio ingelesez, edo, gurera ekarrita, iratzarraldiko ametsak, eta haietan biltzen dira, irakurlearen edo ikuslearen, beren bizitzaz hausnartzerakoan darabiltzaten jarrerak izan daitezkeenak. Honetan literatura eta zinema parez pare dabiltza. Lehenengoetan, istorio txikien harira, norberak gerta daitekeenari buruzko gogoeta eta balizko irtenbideak asmatzen ditu. Bigarrenak, berriz, bizitutakoa birmoldatzeko baliagarriak suertatzen dira. Mota horretako ametsak dira literaturak eragiten dituenak. Irakurtzea, norbanakoaren biziera den neurrian, ez baita denbora-pasa soilik, bizitzarako prestakuntza baizik. Honen aurka, halere, bi irakurketa tankera daudela esan ohi da: etikoa eta estetikoa. Etikoa inplikatuta geratuko litzateke, beraz, istorioarekin bat eginik. Irakurle eskolatuak bezain estetikoak, berriz, bere aldetik, testuaren egiturari zein literaturaren historian duen kokapenari erreparatuko lieke istorioari berari baino gehiago. Harekin gozatuz edo haserretuz, baina argumentuak besterenganatzen dituen esperientzietatik harago betiere. Ohiko antinomia honetan, beraz, irakurle arrunta etikoa litzateke eta aditua, aldiz, estetikoa. Dena den, arteari buruzko idazkietan kulturaren soziologia irauli zuen P. Bourdieuk zioskunez, — kultur arloan interes bereziak borrokatu behar dituzten langileak besterik ez direnez— irakurle estetiko direlakoen ohitura nahiz praktika guztietan ere badauka, eduki, eragina eta inplikazioa, noski, irakurketak, irakurle arruntengan bezalaxe, hori bai, norbere eskarmentu zein bizipenen araberakoa. Goian esan bezala, denok gara, nonbait, liburuen aurrean ameslari, baina eskolatuak, agian, irakurle xumeak baino gutxiago. Eta literaturaren pedagogizatzeak, belaunaldien eta generoen erabilera direla medio, ereduzko testuak didaktikoki sailkatzen, elikatzen duen jardun hauxe dugu, hain juxtu, soziologiak ikertu nahi izan duen bakarra, norbanakoari dagokion testuen irakurketa bereziari behar bezalako arreta ezarri gabe. Wilhelm Dilthey dugu, ordea, ohiko literaturaren eskolaratzeak erabilitako hala formalismotik, historizismotik nola estrukturalismotik at arituriko aitzindari bakanetako bat. Bere aburuz, XX. mendearen hastapenetan zioskunez, “adierazpenaren bidezko hautemate prozedurari ezaguera deritzogu”. Hau da, testuei buruzko ikasgaien gainetik (idazle bakoitzak zer ustezko literatur generoa lantzen duen edo zer-nolako balizko belaunalditakoa den barne...) adierazpideak giza ezagutzaren oinarriak direla aldarrikatzeak eta testu hutsak norbanakoaren esperientziarekin alderatzeak literaturaren balioaz hausnarketa berri bati hasiera eman zioten: hermeneutikari, hain zuzen. Hermeneutika hau, baina, ez litzateke izango, Antzinarotik Erromantizismora bitarte ulertu izan den bezala, testuen esanahia eskuratu ahal izateko haien azalpena soilik, bizitzaren ulermenerako testu argipenaren metodologia darabilen gogoeta bidea baizik. Hau da, testuen ikerketarako bidea baino gehiago ontologia aztertzeko modu filosofikoa, eta bereziki, literaturaren bidez giza bizitza ulertarazten lagunduko digun ekimena. Honen arabera, historiaren nahiz hezkuntzaren menpean zeuden literatur iruzkinek, beren jakintza arlo berezituari kasu eginez, berezko esparrua ezartzea lortu dute. Ildo horretan, arestian aipatu Paul Ricoeuren ekarpenak garatuko du Diltheyren proposamena, eta eskoletan irakurketa, idazketa zein testu iruzkinak lantzeko bide berria lantzeko aukera irekiko du. Garapen honetan aurkituko dugu, besteak beste, ohiko kronologiaz harago, literatur genero desberdinak eskolan landu ahal izateko Euskal Idazleen Elkartean sortu genuen materiala (nik sai- akeraren bidea landu nuen), zeinetan testuaren sorkuntza eta honek ikasleriarengan eragiten duen esperientzia baititugu ardatz. Idazkeraren jarduna birmoldatze bidean, mota honetako ariketek literatura arloan historiaren bidez heredaturiko ikuspegi akademiko historizistak gainditzearren egindako ahaleginak eskertzekoak dira. Izan ere, Ricoeurrek berak esango lukeen gisara, “istorioak kontatzen ditugu giza bizitzaz aritzea merezi baitu. Honek, berebiziko garrantzia du garaituen oroimena berreskuratu nahi izaten dugunean. Sufrikarioren historiak mendekua behar du eta literaturaren bidez eskatzen digu”. Literaturak, istorioen esparruak, bada, garaileen Historiak, genero didaktikoak, genealogiatik belaunaldietaraino, eraiki ohi duen ezaguera zilegi kolokan jartzeko premia dauka, mundua ez baita azaldu behar soilik, ulertu eta aldatu baizik, eta jardun horretarako, orain arte bederen, Pedagogian tokirik izan ez duen adimen narratiboa gaitzea ezinbestekoa suertatuko zaigu. Pentsamendu kritikoaren hastapenetan Kantek norbanakoaren tokian bestea jarri beharra zegoela zioskun. Euskaldunok, halaber, hausnarketa adierazteko “neure buruari galdetu diot ”... diogu. Bestearekiko elkarrizketa izan zen jakintza maite dutenen lehenengo literatura. Platon, bere Elkarrizketak idazteari ekin ziolarik, ez zen soilik idazteko modu berri bat erabiltzen ari, pentsatzeko era berria ere abian jartzen ari zen... Aurreko Hesiodok edo Homerok mito erlijiosoa edo kronika erabili bazituzten ere, Platonen idazkerak bere aurretik ez zegoen memoria motari nahiz gogamenari ateak ireki zizkion. Gurean, halaber, modu honetako idazki literario-filosofiko- pedagogikoak izan dira, adibidez, L. L. Bonaparteren aginduz eta A. Iturriagaren Jolasak oinarritzat hartuz J. Duvoisinen Iturriaga-ren Solastaldiak lapurteraz eginiko bertsioa, edo E. Intxausperen Iturriagaren Elhestaldiak zubereraz eginikoa, edota J. A. Uriarteren Iturriagaren Berbaldijak bizkaieraz bezalakoak. Eta Mogelek Peru Abarca, euskarazko eleberrigintzan aitzindaria dena, idatzi zuenean, gertaera solteak bildu eta eskaini baino elkarrizketak papereratu nahi izan zituen euskal literaturan oinarri filosofala ezarriz. Ez genuke ahaztu behar, bide batez, Mogel bera izan zela Pascalen Gogamenak itzuli zituena. Baina literatura ez da filosofia eta testu literarioak ez du filosofiaren hizkera erabili beharrik. Saiakera filosofikoak ezin dira entsegu literarioekin nahastu, bakoitzak bere berezko mintzaira behar baitu. Wittgensteinek, hizkuntzaren esanahien berezko bikoiztasunari aurre egin nahi izan zion berberak, cowboy filmak maite zituen zineman beste edozeinen gainetik. Izan ere, pelikula haien egitura oso soila izan arren, beren esanahiaz jabetzeko, aldiz, milaka irakurketa egin daitezke. Eta hori “gaiztoak”soilik gaiztoak direla eta “zintzoak”, noski, ikaragarri gizaki onak. Halere, Roland Barthesek esango lukeen modura, irakurgarritasun aniztun horrek, saiakerek bereziki lantzen dutena, “irakurketa idazketa bihurtzen dute”... Mota horretako testuen irakurketan jarraipenak agindu beharrean, irakurtzearen ariketari digresioak markatzen dio bidea, eta arrazoiaren logika erabili ordez sinboloen logika dagokio. Beraz, irakurketa deduktiboaren ordez asoziatiboa da lantzen dena, non, testuan irakurtzen dena (eta horri dagokionez behintzat, filmak testuak bezala “irakurtzen” direla esan beharrik ez dago...) ez da agertzen dena bakarrik, “beste” ikuspegiak eta “beste” esanahiak baizik. Saiakelaren idazkuntza, berez, irakurketa esanguratsuaren eragilea da. Oinarri horretan, bada, zentzu berriaren bila esanahia aldatuz doan testua dugu entsegu literarioaren egitura. Eguneroko bizitzak edonori etengabe eskatu ohi dion iritzi duina idatziz adieraztea da entseguaren funtsa. Arestian esan bezala, askotan, saiakera filosofiarekin batera bide beretik badoa ere, ezin esan daiteke filosofiarekin guztiz bateragarria denik. Ikerketa filosofikoak, besteak beste, xedea edo ikergaia argi eta garbi mugatuta eduki behar du. Horren arabera, ezinbestekoa da zeregin horretarako erabili beharreko metodoak ere guztiz zehazturik egotea. Eta gainera, premiazkoa izaten da ondorioak orain arte zientziek emaniko emaitzekin alderatzea ere, ondorio horiek ontzat eman ahal izateko ibilbide epistemologikoa agerraraztea, alegia. Saiakelaren ezaugarriak, berriz, guztiz bestelakoak dira. Filosofiaren idazkerak zehaztasuna eskatzen du helburuetan zein metodologian; eta, aldiz, entsegu literarioak malgutasuna nahiago du, esanahien etengabeko aldaketa, goian esan bezala. Pentsaera zientifikoak analisirako joera hobesten du, eta saiakelak, berriz, iritzia emateko jarrera sintetikoa maiteko du, tai gabe, era jarraikian berridazten dena. Nahiz eta epistemologiak ezinbestekotzat jo metodologia konbergentearen aldeko hautua (hipotesi-dedukzio bidezko arrazoibidea) saiakelagintzan dabilen idazleak pentsaera dibergentea landuko du (ondorio aniztasunera eramaten gaituena), eta, lehen adierazitakoaren arabera, logika asoziatiboa nahiago du. Saiakelak originala behar du izan; ez du bildu behar, doktorego ikerketetan edo unibertsitate ikerketetan bezala, gai jakin bati buruz dagoen informazio guztia; esperientzia esanguratsu edo testu jakin batetik abiatu eta, gogoetagaiari ohiko ikuspuntutik heldu ordez, bestelako hurbilpen bat proposatuko du. Metodo filosofikoak premiazkotzat jo ohi duen hizkera unibokoa eta berezitua erabili beharrean mintzaira joria baina literarioa bezain arrunta aukeratuko du saiakelan dabilenak. Historiari dagokion memoriaren erabilera xedatua ibiltzearen partez, saiakera literarioaren egileak hitzak hautatu, sailkatu eta hurrenkeran jarriko ditu, ez oroimenari kasu eginez, sorkuntzak eskatzen duen erritmoaren arabera baizik. Saiakelak sortzailea behar baitu izan, ez jakintzaren metaketa antzua. Eta, guztiaren gainetik, entseguak hizkuntzaren jariotasunari bide eman behar dio, idazketan filosofiak eskatuko lukeen hizkuntza zurrunaren ordez. Ezaugarri horiek guztiak hartu eta saiakela idazteko prest egongo gara. Emaitza, berriz, entsegu literario emankorra izango ote den jakiteko, idazteko estiloa eta azaltzeko dohaina behar ditugu. Jeinu edo artezia horiek, ordea, irakatsezinak izaten dira eta, literatur kritikoek azpimarratuko duten moduan, edozein testuk bere akatsak izango ditu, jakina. Ez baita horren erraza idazketa ona eta txarra bereiztea. Proust- ek berak, adibidez, bere poltsikotik ordaindu behar izan zuen À la Recherche du Temps perdu horren lehenengo liburukiaren argitalpena, Gallimardek kaleratzeko ontzat eman ez zuelako. Gurean, adibidez, Txillardegiren Haizeaz bestaldetik eleberritzat izendatu zuten testu sailkagaitza, lagun batzuen artean ordainduta kaleratu zen, ohiko argitaletxeen artean inork ez baitzuen lehenengo argitalpena bideratu nahi izan. Zenbait idazketatan ongiaren eta gaizkiaren arteko desberdintasuna ez da hain argia, baina, hori kontraesana!, norberaren gustuko idazleen artean bereizketa garbia da oso. Egia da estetika ezin dela argudiatu, baina argumentua bai, eta gainera, gai bati buruz idatzitakoak begi bistan jar dezake idazlan on bat ote den... Estiloak ere bideratzen du irakurketa jakin bat gustukoa izan ala ez, baina, norbaiti nobela beltzak gustatzen bazaizkio, etikoki edo estetikoki onak direla esaterik ba al dago? Jakin, badakigu, gauzak ez ditugula ontzat jotzen gustuz ede- rrak edo onak direlako, alderantziz baizik. Hau da, gustagarritzat hartzen dugun neurrian eder bihurtzen ditugula. Eta halaxe da etikan eta estetikan. Beraz, bizitzan gustatzen zaigunaren irudia da estetika. Hori frogatu zigun Goetheren Fausto-k behintzat. Ez dugu estetika, bada, jakintzaren arlo soltea, etikarekin batera doan jarrera baizik. Nolabait adierazia, ona denak ederra behar du. Baina alderantziz ere esan genezakeen: bikaintasunak ez duela zerikusirik moralarekin; aitzitik, norbait gustagarria izan daiteke eta, era berean, oso gaiztoa izan. Hau da, hizkuntza idatzian estiloa duenak ez du matematiketan trebea izan beharrik; gorputzez eta izaeraz kementsuena dena ez da, derrigorrez, espazioa antolatzeko gai izango; eta musikarako dohainduna dena, berez, ez da izango, agian, bizitza kudeatzeko gauza. Eta, lehengora itzuliz, nola jabetu estilo adimentsu haietaz? horiek guztiak irakatsi ezin baldin badira, beharbada erakustea bidezkoa litzateke. Zeren eta, ez dago ezaguera denak ezagutaraziko dituen irakaslerik, irakasle bihurtu gabe. Alde batetik, bizitzan garrantzia duen guztia norberak ikasi behar duelako, eta, bestetik, norberaren eta besteen onerako irakasten denean, besteei ikasteko aukera ebasten zaielako. Baina, aldiz, ezer irakatsi behar ez dela esatea ez da zilegi. Besteak beste, hori ere ez baita posible, bizitzan ezer ikasi gabe bizi ezin delako. Areago, gehienetan, konturatzeke ikasten ari gara, etengabe. Korapilo horren berri ematen digu Proustek bere literatur eskaintzan. Esan bezala, À la Recherche du Temps perdu saiakelak eleberrietan idazle bilakatzeko erakusketa hausnartua ematen digu. Bere protagonistek irakasterik ez dagoena nola ikasten duten dugu gaia, saiakela, eta haren zehazkizunen azalpenaz egiten du gogoeta literaturaren subjektuaz idatzitako saiakera bezain nobela diren maisulanetan. Prousten pertsonaiek maite dute literatura eta behar bezala irakurri eta idatzi nahi izaten dute. Hala eta guztiz ere, desioa handia izan arren, ez bide dute hura erdiesterik. Eta gogo horri muzin egiten ez badiote ere, ezin dute idazkuntzarako betarik hartu. Ez omen dute horretarako denborarik baina, halere, idazteko grinak iraun egingo du haiengan, dena den. Une jakin batean, ordea, idazteko itxaropena guztiz galdu dutenean, buruan ezertxo ere ez dutelarik, ideien elkarketa baten bidez, bizitutako egoera lasai batez gogoratzen dira eta, bizipena bera berreskuraturik, burua argitzen zaie eta zertaz idatzi badutela ikusten dute. Argi horrek ezintasunaren leizezulotik irteteko bultzada emango die eta, horrekin batera, idazten hasiko dira. Idazketa haiek, aldiz, ez dira izango bizitzan gertatutakoaren berri emateko, errepikatzeko bakarrik alegia, bizitutakoa era berri batez adierazteko baizik. Hortxe dago gakoa. Zeren idazketa ariketaren bidez, literatura dela medio alegia, ezagutzeko modua ere lantzeko aukera irekiko baitute. Hori garatzeko hasiko da idazlanean testu joriak bezain desberdinak sortzen eta biltzen, Roland Barthesek esango lukeen bezala, baliagarria izango zaion neurrian, idazkera literaturatzat harturik. Samuel Beckettek idatzitako Proust idazlanean, gazte garaiko saiakera hartan, bere nitasunaz aritzeko bidea erakutsi zuen eta bizitza horretara dedikatzea deliberatu zuen. Horrenbestez, literaturaren bidez egindako ikerketa ere zertan datzan erakutsi zigun, zeren idazketa horretarako bidea da. Hori dela-eta, 1938an kaleratutako Murphy izeneko eleberrian nabarmena da Spinozaren itzala, ezagutzarako adierazpen umoretsuaren aldarria. Geroko idazkiek, askoz zailagoak izaki, ekimen horren konplexutasunaren berri ematen dute, arazoa inoiz ere ebatzi gabe, “je serai quand même bientôt tout à fait mort enfin/I shall soon be quite dead at last in spite of all” (in Malone meurt, 1951) utzi zuen idatzita. Hau da, hil arte ez dut nire idazteko estiloa aurkituko..., zeren eta bizi naizen bitartean, niak, zoritxarrez, nire testuak kutsatuko ditu ezinbestean, adierazi nahian, nonbait. Bataillek, edo Beckettek, Prousten edo Flauberten antzera, paragrafo luzeak, izenondoak hirunaka erabili izan ohi dituzte..., berrikuntza ezin baita sinplea izan. Bilatu beharra dagoen estilorako ez baitago eredurik, ezta norberaren aurkikuntzatik abiatzen dena ere. Saiakera da bidea, etengabeko sorkuntza adierazpenak munduaren berreskurapena dakarrelako. Eta irakurketa berri bakoitzak mundu berri bat irekitzen baitu. Literaturako Nobel Saria eskuratu zuen B. Pasternakek zioenez: “Historia ez du inork egiten, nola garatzen den ez da ikusten, belarra hazten den bezala garatzen baita historia”. Beraz, saiakelaren bidez bakarrik saia daiteke hausnartzen. Horretaz guztiaz sakondu ahal izateko argitaratu nuen Entsegu literarioaren bidean, 2011n. Suitzako Genevan nengoen bizitzen Eusko Ikaskuntzak emandako diru poltsa baten bidez, eta hango neguko arratsalde luzeetan jaio eta garatu zen liburua. Bi edizio izan zituen eta, bigarrenean, Prousten Sur la lecture (Irakurketaz) itzulitako testua eta guzti kaleratu nuen baita Ur Apalategik, Patxi Salaberrik eta Ander Iturriotzek parte hartu zuten eta neronek koordinatutako Irakurketa dela eta izeneko liburuan ere (2011) zeinean, hasieran honakoa nioen: “Agian Hezkuntza Sistemari berak ematerik ez duena eskatu ohi diogu, eta porrota izan da emaitza. Ikuspegi honetatik, aldiz, irakurketaren bidez landu genezake eskolak ematerik ez duen hura. Honek guztiak arlo honetan ikerketa berezituari kasu egitera behartzeaz gain, haren ondorioak komunikatzea eta hedatzea eskatzen digu. Ikerketa funtsezkoa zaigu zeren eta irakurketa, berez, ezaguera ekintza baita eta, gure burua eta mundua ezagutzeko (irakurtzeko) bidean literaturak eman dezakeena jakin beharra dago kudeatzen”. Hauxe izan da ardatza, bada, nire bizitza literarioan eta, bide batez, saiakela transgeneroak proposatu ditudanean. Aipatu liburuaren gaztelerazko ordaina Ensayo sobre el ensayo eta portugesezko bertsioa (Ensaio sobre o ensaio ) aurkeztu ahal izateko Hego Ameriketara ere joan nintzen, Bernat Etxepareren laguntzaz eta han, beste lagunen arten, Asel Luzarraga aurkitu nuen berriro ere, nire Kasandra irakurri ondoren bere blogean saiakela zer zen aipatu zuen lehenengotariko bat eta, batez ere, horrek zer zekarren ulertu zuen idazlea. Eider Rodriguezi, aldiz, Kasandra izena bera ez zitzaion batere gustatu. Ez zuen uste mitologiaren erreferentziak, nonbait, on egiten zionik literaturari eta, halaber, “irakastunlari” baten joera txirriporroa iruditzen zitzaion... niri ez, ordea. Ez baikara gure hizkuntzaren jabe. Bide batez, pentsatzeko erabili ohi ditugun hitzak gureak ez direla jakinda. Gure hizkuntza ez baita orainaldikoa bakarrik, esanahi bakoitzak bere historia duelakoaz jabetu behar dugu eta, beraz, gure esanak, lehenaldikoak bezain orainaldikoak diren neurrian, bizi behar dugun oraina ulertzeko balio behar duela ihardesteko, une eta toki guztietarako, nonahiko eta noiznahirako, balio ez duelako, hain zuzen ere. Esanak eta kontraesanak Idatzi zuen Ainara Maia poetak Buru ta zioak Utriusque Vasconiarekin 2010ean kaleratu nuen liburuaz, eta honela zioen bere iruzkinari hasiera emateko: “Gauzarik garrantzitsuenak esan gabe doazelako idatzi egiten dut, eta esan gabe doa artikulu hau ere. Bat-batean ezin esan dena idatzi beharrean idatzi du Fito Rodriguezek aforismo eta gogoeta multzo hau, eta ezin esan beharra aunitz da olerkari lotsati mutu honengan, normalean ahoz esan gabe doazkidalako hitz garrantzitsuenak, eskuz idatzita utziz. Aire herrikoi gisa, erraz eman dizkio aholkuak poetikoki Fito maisuak idazlegai betiereko honi, eta liburu osoa gorriz azpimarratzeaz gain, pentsarazi dit idazketa eta irakurketaren inguruan. Baga. Izan al daiteke inoiz idatzi ez den maitasunezko eskutitzik? Fitok baietz esaten dit, izan daitekeela inoiz idatzi ez den maitasunezko eskutitz bat, bakardadean eta isiltasunean maitearekin komunikaturik, bihotz-odolaren bitartez iristen baita adierazia, ez ahozko, ez idatzizko adierazpenak ere izan daitezkeelako. Biga. Literatura idazketa eta irakurketa baino aunitzez gehiago delako ez da ez zientzia ez filosofia; literatura etengabeko bilaketa da, bat-batean hitza, isiltasuna eta bakardadea puskatzen duena; hori ere bada literatura, (biz)hitza. Bakardadea eta isiltasuna baitira ezinbesteko fikzio hitz hori sortzeko, bestearen kontraesana behar dugu gure esana izateko. Ez gara geure buruaren jabe, esan eta kontraesan etengabeetan izaten gara literaturan. Nire barneko guztia azalarazi arren, idatziz gero, fikzioaz ari gara, eta fikzio oro autobiografikoa al da? Zer ote da egia eta zer gezurra? Bakarrik eta isilik nago munduan, eta ez da normala, gizarteak ez baitu erraz onartzen ni bezalako neska isila eta bakartia. Higa. Egon al daiteke noizbait idatzi den maitasunezko eskutitz baten erantzunik? Gizarteak ez du erraz onartzen idazlearen nahigabea, esana eta idatzia desberdinak baitira. Idazkera pentsatu eta esan aitzin badoa, eta erraz idazten badut ere, beti ez dut behar bezala idazten. Pentsatu aitzin, sentitzen dut, eta horregatik niretzat bakarrik idatzi izan dut, eta besteentzat idatzi dudalarik mindu ditut lagun minak. Norberaren ahalegina denona dela ulertzeko eta maitatzeko modua da, idazketa minaren ondorengoa dela ulertzea, irakurtzea. Eta min dut nire maitasunezko eskutitzek ez dutelako erantzunik jaso, edo agian, jaso dut isiltasunaren bitartez? Norberaren ahalegin handiak lorpena dakarrela esan dit idatziz Fitok. Gizarteak ez du erraz onartzen baliagarria ez dena. Laga. Hitzak berez sortzen dira, baina literaturaren lana hitz horiek elkartzea omen da. Adierazteko gaitasunik ez badago, idazleak bilatu egiten du, eta horretarako besteen testuak irakurriz norberak bere buruari kasu egiten dio. Poesia eta literatura jolasa dira enetzat, heldutasuna galtzen ari naiz literaturaren bide hauetan, literatura haurtzaroko oroitzapenen ordezkoa dela esan baitit Fitok. Boga. Jolasa izateaz gain, literatura diziplina ere badela esan dit Fitok, eta heldutasuna galduz garatzen noa aitzina bizitzan. Gizadia garatzen duena idazketa baita. Eten- gabe hobetzen laguntzen du literaturak, biz(hitza) arruntean ez dagoena ikusten lagunduz. Sega. Kultura ez baita natura, baina mundua ulertzen laguntzen du irakurketak, eta bihotzetik irakurtzen jakin behar da. Barka gaizki esanak edo idatziak, eta onak gogoan hartu, irakurle.” Berriro diot, “ez gara geure buruaren jabe, esan eta kontraesan etengabeetan izaten gara literaturan”. Zeinen hitzak dira, nireak, Ainararenak, zureak irakurle, denonak, gure aurrekoenak eta gure gerokoenak ere? Liburu horren azalean esaldi zahar bat irakur daiteke euskaraz. Veneziako San Marko Plazan dagoen Herriko Etxeko paretan dagoen mezu zahar bati ateratako argazkia da... eta ez da euskara, noski, baina euskararen arabera irakurtzerik badago zeren, honetan ere, dakigunaren arabera irakurtzen dugu mundua. Buru ta zioak saiakela berezia izan zen, irakurtzeko zaletasunari buruzko gogoeta, hain zuzen. Moralaz kanpo bada, literaturaren bidez, pentsatzerik badagoelako. Egia eta gezurraren arteko banaketak ez baitu balio literaturan. Buru ta zioak aforismoz osatutako saiakera kaleratu nahi nuen, ez saiakela, hari narratiborik gabeko idazkia irakurtzeko zaletasunaren inguruko gogoeta eginez. Mundua modu esanguratsuan irakurri ahal izateko liburua zen, eta, urteren poderioz, harritu ninduen 2020ko itxialdiaren karira Twiterren zabaldu zen “Idazleen Mundial Alternatiborako” nire literatur egiletzari buruz aritzeko liburu hau aipatu izanak. Harritu eta haritu. Literaturaz hitz egiteko literatura, alegia, izan zen egin nahi nuena. Idazkeraz eta irakurtzeko zaletasunaz aritzeko hiru letra mota erabili nituen, gai bera jorratzeko hiru ikuspuntu. Georges Steinerrek zioenez, pentsatzeak ez baitakar ebazpen zehatzik, berez kontraesanetan (aphorietan) murgiltzea baita. Kontraesan horiek irudikatu nituen Utriusque Vasconiae argitaletxearen Ideiak sailean kaleratutako liburuan. Ideia ez da irtenbide bat, arazoa da bere baitan baizik. Nola irakurri eta idatzi behar den literatura argitu nahi nuen ideia hori garatuz, sortzen zaizkigun kontraesanak bederatzi ataletan aletuz: Bakardadean ala talde lanean irakurtzen, klasikoen bidez ala esperimentazioaren bidez, hausnarketaz ala komunikatzearen premiaz, ahozko hizkuntzatik ala idazkuntzatik, plazerez ala diziplinaz, modu zuzenduan ala askean, eskola dela medio ala etxeko giroaz baliaturik, saiakera bidez ala fikzio bidez, curriculumetan sartuz ala soilik jakinminez. Atal bakoitza izendatzeko baga, biga, higa, laga, boga, sega, zai, zoi, bele hitzak erabili nituen (handik Ainararen erabilera iruzkinean), modu batean herritarra den kantua, baina, era berean, erudiziora ere eraman daitekeena, beste kontraesan bat gehiago. Ohiz kanpoko saiakeran, Veneziako San Markos eliza ondoko kantoi batean ateratako argazkiak betetzen zuen liburuaren azala, beraz. Irudi horrek laburbiltzen du atzetik datozkien 161 orrialdeen mamia. Harriaren gainean idatzita, bost-sei letra ageri dira, eta tartean zan, bat eta nik irakur daitezke. Argazkia atera nion euskaraz irakur nezakeelako, segur aski beste hizkuntza batean idatzia egon arren. Esan bezala, gertatzen dena da dakigunaren arabera irakurtzen dugula dena, baita mundua ere. Estilo aldetik ere paradoxa ekarri nuen, saiakela ez den ohiz kanpoko saiakera sortuz. Normaltasunak desegin egiten gaitu, anestesiara eramaten gaitu. Trinkotasuna eta arintasuna uztartu nahi izan nituen, liburua aforismoz osatuz. Aurkezpenean, Jokin Apalategi lagunak azaldu zuenez, literaturzaleentzako saiakera hau txokolatea jaten den eran irakur daiteke, ontzaka, aforismoka: “Irakurleak saiakerara erraz hurbiltzeko asmoa zuela”. Literaturaz mintzatzeko (horixe baita liburuaren gai nagusia), literaturaz baliatu nintzen lan honetan. Literaturaz aritzeaz gain, irakurzaletasunaz ere mintzo naiz liburuan eta, horretarako, saiakera hautatu nuen eta, hobeto esanda, saiakera poetikoaz. Bederatzi ataletan banatuta, lanak hiru zutoin nagusi ditu (Buru ta zioak izenburuko hiru hitzak bezalaxe): hezkuntza, filosofia eta bertsolaritza. Hiru elementu hauek irakurlea hausnarketara eramango dutelakoan nago eta, bide batez, galdera asko jarri mahai gainean. Nola landu irakurzaletasuna? edo Nola bihurtu literatura aukera bat, inori leziorik eman gabe? Literaturan dago errealitatea, baina baita fikzioa ere, irakurtzen dugunean edukia egia bilakatzen delako. Nire aburuz betiere, Baga, biga, higa, laga, boga, sega, zai, zoi, bele, harma (‘h’-z, Gabriel Arestik idatzi ohi zuen bezala), tiro, pun bertso ezaguna topatzean, orriak pasa ahala, atalez atal, liburua esku artean duenak behin eta berriro egingo du topo hitz hauekin. “Bertso hauek herriarenak dira dagoeneko, bereak sentitzen dituelako”, baina, berez, zeinenak dira? Eta, hain zuzen horregatik, euskal kultura ezagutzea ezinbestekoa izango du irakurleak funtsa ulertzeko. Idazlana Venezia, Donostia eta Geneva artean idatzi nuen. Hiru izen, Buru ta zioak-eko hiru hitzak bezala. Hori ere ez da kasualitatea. Ez dakit, ordea, kasualitatea izango ote zen Durangoko Azokan liburua sinatzeko nengoen tokitik Bernardo Atxaga pasatzea, liburua erosi eta sinadura eskatzea... arratsalde osoan saldu eta sinatu nuen liburu bakarrenetariko bat, bakarra ez esatearren, izango litzatekeena ziur asko. Venezian ez dago simetriarik Buru ta zioak Veneziatik itzuli ondoren idatzi nuen. Han, 2009ko irailean, bi urtean behin egiten den artisten eta idazleen bilkurara gonbidatu ninduen hango alkateak, Massimo Cacciari filosofo eta idazleak. Veneziako Unibertsitateko estetika irakaslea izan zen, eta 1993tik hona bi aldiz izan da alkate; saiakera liburu ugari idatzi ditu, eta Hannah Arendt saria eskuratu zuen. Bertan elkartu ginen gure aldetik estaturik gabeko hizkuntza gutxituen artista eta idazleok, kurduak, euskaldunak, baita irlandarrak ere eta, handik, liburu eleaniztun bat sortu zen K Planet izenekoa. Italieraz, ingelesez, kurdueraz, euskaraz eta abar argitaraturik, hainbat idazleren testuak biltzen zituen: Joseba Sarrionaindia, Koldo Izagirre, Igor Estankona, Castillo Suarez, Dorleta Urretabizkaia, ni neroni eta Danny Morrison, Gerry Adams, Bobby Sands, Edward Sayd, Dario Fo, Musa Anter, Mahmoud Darwisch, Amin Maalouf, Milan Kundera, Yasar Kemal, Dilawew Zerak, Harold Pinter, Ursola Casagrande eta abarrek osatu genuen alea zeinean, testuez gain, artista bisual kurduen ekarpen interesgarria ere bazetorren kuatrikromian: Azad Nanakeli, Bahar Maleki, Fehmi Balay, Baldin Ahmad, Husyin Isik, Ilter Rezan, Malmime... Egia esan, haien izenak nola idatzi behar nuen erabakitzeko nahiko lan izan nuen, izan ere Venezian bildutako kurdu haietariko batzuek arabierazko alifatoa erabiltzen zuten (Helim Yusik kurdu-siriarrak, adibidez), beste batzuek gurea bezalako alfabetoa lehenesten zuten (Dilawew Zerak, esaterako), eta gutxiengo batek alfabeto zirilikoa darabil oraindik. Niretzat ederra izan zen Danny Morrisonekin bildu ahal izana. Dannyk eraman zuen Londresen diputatu izateko Bobby Sands-en aldeko kanpaina hura, gose greban zegoela. Hautatua izatea lortu zuen Bobbyk, baita bidean bizia utzi ere. Gaelikoz idazten ausartu zen poetaren bozeramailea izan zen Danny eta, horretaz gain, orduan sakabanatuta zegoen prentsa irlandar errepublikarra batzen ahalegindu zen, baita lortu ere. Laurogeiko hamarkadan kartzelan nengoela (1982an), Bobbyren olerkiak itzultzen aritu ziren Joseba Sarrionandia eta Mitxel Sarasketa, Egun bat nire bizitzan Txalapartak argitaratu zuen 2006an. Bobby Sandsek komuneko paperean eta uzkian gordetako boligrafo batez idatzi zuen liburu hori borroka eta duintasun testi- gantza erdiragarria da. 1981. urtean egilea bera eta beste bederatzi gizon heriotzara eraman zituen gose greba egin baino lehen, Long Kesh kartzelan zer egoera zegoen erakusten du. Orriotan, irlandar guda presoek jasan zuten oinazearen kontakizun gupidagabea egiten du Bobbyk. Kontakizuna, ezin lazgarriagoa, adore eta sinesmen historia bat da finean: gizon-emakume gutxi batzuek inperio oso baten borondatea apurtu zutenekoa. Nik, berriz, liburu hura baino urte batzuk beranduago (1997an) argitaratu nuen, Dannyrekin batera, El IRA y la paz en Irlanda eta Los conflictos irlandés y vasco. Análisis comparativo, Hondarribiko Hiru argitaletxean. Kontua da ni, hasieran Belfasten (1993an) eta ondoren Limericken (1994an) egonda ere, ez nuela Dannyrekin egoketo aukerarik izan, eta gure kontaktu guztiak beste lagun batzuen bidez egiten genituen; beraz, Veneziako bilkura gauzatu arte ez nuen buruz buru berarekin elkartzeko betarik izan. Erdi klandestinitatean genbiltzan garai hartan hanka sartze galanta gertatu zen liburua kaleratu zenean. Hiru argitaletxekoek jaso zuten idazkia egilearen izenik gabe baina, urte hartan (1993), Toni Morrisonek Literatura Nobel saria irabazi zuenez, nahastu egin ziren eta, lehenengo argitalpeneko azalean, Danny agertu be- harrean Toni izena zetorren idatzita. Hori zela-eta azal guztiak zuzendu behar izan zituzten, sasoi hartan egin ohi zen moduan, izenaren gainean banan-banan eta eskuz pegatina bat jarriz, alegia. Ez da harritzekoa, zeren Hiru argitaletxeak Literatura Nobel saria eskuratu duten idazle batzuk plazaratu ditu gazteleraz, besteak beste gure Veneziako liburu horretan agertu ziren Harold Pinter eta Dario Fo. Nik, aldiz, gutxitan idatzi ohi dut gazteleraz, baina haietariko bat izan zen Dannyrekin batera kaleratutako Hiru argitaletxearena. Halere, liburu honen aurka, eta zehatzago nire kontra, aritu zen Jon Juaristi Espainiako Saiakera saria eskuratu zuen El bucle melancólico izeneko liburuaren atarikoan (1977an), haren uberan etorri ziren ondoren Koldo San Sebastián eta enparauak, hau da, gazteleraz argitaratutakoaren arabera idazkera eta idazlea deskalifikatzera. Atariko testu hartan Txillardegi eta biok aipatuz, hau da, erdaraz asko idatzi izan ez dugun euskal idazleok, aurrejuzguak eta topikoak nahastu egiten dituzte, gure mezuaren azala eta mamia gutxiesteko ahalegin betean. Espainiako Saiakera saria merezi zuten, bada. Veneziatik, dena den, liburu eder horrekin batera, mezu hauxe ekarri nuen argira: Mendebaldean ohiko bihurtu zaigun angelu zuzenik ezin da uretatik jaio zen hiri errepublikar zahar hartan aurkitu. Han dena dago okerka bezain etzan eta, halere, horren da eder! Besteen menpekotasunetik irten nahian, etika eta estetika zuritik at (inoiz ez hobeto esanda...) munduari so egiteko, Malcon X zenak “beltza ederra da” ihardetsi zuen moduan, okerra ederra dela arrapostu beharko genuke guk Venezian egin genuen ekitaldietatik itzultzean. Edo, beste era batez adierazia, desberdintasuna aldarri, eraiki dezagun eginkizun dauzkagun mundu berriak. Baina, asaldatuko da baten bat, berdintasuna ez al da modernitateak maite izan duen demokraziaren oinarria? Honela bada, hau bezalako galdera teoriko bati erantzun dakiokeenez ikuspuntu filosofiko, literario edota historikoen bidez, nahitaez bihurtzen da, orain eta hemen, arazo praktiko eta politiko. Badirudi Zuzenbidearen tratadisten artean onartua dagoela gizakiaren ikuskera aristotelikoa, zeinak baitio Mendebaldeko pentsamendua eta, hedaduraz, esan liteke pentsamendu politiko garaikidea bere osoan ezaugarritzen duen animalia politikoa dela gizona, gizateriaren ia sinonimoa den erreferentzia ahalmen politiko propioa. Bestela esanda, gaur politika gizarte alor bezala ulertzen den arren eta, ondorioz, gizona kolektibo sozial jakin bateko partaide bezala kontsideratzen da politiko, ikuskera grekoak ahalmen politikotik eratorrarazten zituen giza sozialtasunaren ezaugarriak. “Hiritar grekoak” ez zirenak, hots, politikan parte hartzera behartuak ez zeudenak, ez ziren gizonak zentzu aristotelikoan... Ius sanguinisaren erromatar teoriek kontsakratuko zuten juridikoki interpretazio-joera hau eta nasci (jaio) latindar aditza izango zen gobernu sozial (nazionalaren) kudeaketa subiranoan parte hartzeko irizpideak zehazteko erabiliko zena. Ancien Regime delakoarekiko haustura iraultzaileak ekarri zuen berekin ezker politikoari atxikitako nazionalismoaren kontzeptua. Gizakiaren eskubideen adierazpenak aldarrikatu zuen “subiranotasun oro nazioaren baitan datzala dioen hastapena”. Honela, 1978tik aurrera nazionalismoa izan zen posible egin zuena monarka subiranoarekiko leialtasuna bezala ulertzen zen nazionalitatea kolektibitatearentzat (herriarentzat) subiranotasunaren erreibindikazio politiko bihurtzea. Antolamendua eta legitimazio politikoa zehazteko orduan identitate identifikatzaile eta erreferentzial modua erkideko gizatiarra eta kulturala nabarmentzeak ekarri zuen berekin XIX. mendeko Europan agertu ziren mugimendu iraultzaile gehienak mugimendu nazionalistak izatea, aldarrikapen konstituzionalei oso hertsiki atxikiak, azaleratzen ari zen gizarte berri horren eskubideak berregituratuz guztien ongia kudeatzeko bermea izango zukeen araudi juridiko berrian oinarritutako politika eraberritua bilatuko zituzten aldarrikapenak (B. Badie, Formes et transformations des communautes politiques, 1985). Gaurko globalizazio prozesuak, ordea, eraikitako uniformizazio bitalaren ondorio kulturala ez da nazismoak nahi zuen homogeneizatze sozial zorrotza besterik: Gleichschaltunga. Jose Antonio Primo de Riveraren falangismo espainiarrak alemaniar pentsamendu nazional- sozialistari maileguz hartu zion “unidad de destino en lo universal” hura XX. mende osoaren berezitasun ezaugarritzaileetako bat bilakatu zen eta baita politikoki ezaugarritu zuen nazionalismo atzerakoia ere (Arendt. H., Le systeme totalitaire, 1972). Ondorioz, bada, XXI. mendea estreinatu duen globalizazioaren ondorioa ezin da izan politika eskuindar eta autoritario horren formulazio berria baino, bertsio inboluzionista eta atzerakoi baten bidez XVIII-XIX mendeetako nazionalismo liberatzailea birdefinituz garatu zena. Pertenentziazko komunitate linguistiko-afektibo edo kulturala (Gemeinschaft) eta bizitzazko egitura legal eta sozialaren (Gesellschaft) artean dagoen kontraesana jada aztertu zuen behar bezala Ferdinand Töniesek (Communaute et societé, 1944) nazismoa- ren ondorioak ezagutu baino lehenago ere ohartarazteko eskumen ekonomiko-legalak lituzkeen estatuaren inposizioak lekarkeen inboluzio arriskugarriaz, sektore sozial bakarraren onurak soilik bilatuz oinarriko komunitate kulturalaren desagertzea zekarkeelako. Honela ulertu behar da, beraz, gaur egungo ultraliberalismo hau, antolamendu ekonomiko- sozial posible bakar bezala aurkeztua, balio komunitarioen deuseztatze ahalegin bat gehiago bezala kontsideratu behar dela, Europan nola subiranotasunaren hala XVIII eta XIX. mendeetako iraultzen abiapuntu izan ziren balioak. Inperialismoa kapitalismoaren fase gorena dela iragarri zuen Leninek eta gaur joera hauen baitan agertzen da, estatu global baterantz doan garapen geraezina bezala, non merkatua, justizia eta politikaren era exekutiboak (bortxa eta/edo esku-hartze armatua) diren gero eta ilunagoak eta kontrolaezinagoak. Arendtek “autoritarismoen mendea” definitu zuen XX.a (Los origenes del totalitarismo, 1982) eta Ternonek “hiltzailea” bezala (El Estado criminal. Los genocidios del siglo XX, 1982) eta orduantxe agertu zen bertsio iraultzaile bat bai herriaren subiranotasuna eta bai mugimendu sozialak aldarrikatzen zituena, Töniesen ildotik tradizio komunitarioen berrirakurketa egiten zuena eta, azken finean, proposatzen zuen gizartea trinkotzeko sistema zaharrak, eraberrituz, berriro onartu eta sozialki berregituratzea. Birzikla dezagun estatuaren ideia historikoa. Tratatu klasikoek akademikoki bereizi nahi izan dituzte nazionalismoa eta abertzaletasuna, lehenari irrazionaltasuna, xenofobia, arrazismoa eta bereizkeria eratxikiz eta bigarrenari, aldiz, aurrerapen-balioak, arrazoizkotasuna eta hiritarron trinkotasuna. Nahiz eta salbuespenak badiren planteamendu honen aurrean politika estatalistek garatzen duten nazionalismo inperialista hain da nabarmena hala nola ura arrainaren begien aurrean eta, aldiz, askapen mugimendu politikoek eragozpen gogorrak izan dituzte nazionalismoa iraultzaile gisa identifikatu ahal izateko (Arieh Yaari, Le defi national: les theories marxistes sur la question nationale..., 1978). Abertzaletasun estatala inperialismo hutsa den bezalaxe, XXI. mendeko nazionalismoa homogeneizatze globalizatzailearen aurkako identitate komunitarioaren errebindikazioa da, aniztasunaren aldarrikapena. Dibertsitatearen alde jokatzen du (hizkuntza, biologia, kultura eta abarren aldeko dibertsitatea). Kontzeptu deseroso eta aldaketa sozialaren formulazioa da. Hautabide politikoa (Ulises Moulines C., Manifestu nazionalista, 2008). Iraultza frantsesaren ondoriozko nazionalismoaren kasuan, Latinoamerika, Afrika eta Asian jatorri oso desberdineko kultura eta herriek ideologia politiko hori bera onartu dute, maiz beren historia propioa eta gizartea berregokituz, menpean zeuzkaten inperialismoari beste alternatiba batekin aurre egiteko. Gure inguru hurbilenean, Inperio espainiar, britainiar eta otomanoaren sakabanatze historikoa etnia haien inguruetara ari da iristen (etnia gaztelar, ingeles eta turkiarra...), lehenago egitura estatalak berentzat baliatu zituztenak hain zuzen. Irlandarren, euskaldunen eta kurduen emantzipazio linguistiko eta sozialak sezesioa eta independentzia behar dute beren gizarteak era subiranoan antolatu ahal izateko eta, orain eta hemen, aurrerabide sozialaren eragile giltzarria dira oraindik amaitu gabe dagoen humanizazioaren martxa aurrera eramateko. P.S. Mancinik nazioa “lurralde, jatorri, ohitura eta hizkuntza- ren bidez elkarrekin bizitzeak eta kontzientzia sozialak eratutako gizonen gizarte natural” bezala definitu zuen (Sobre la nacionalidad, 1985) eta definizio honek nazionalitatea zehazteko Gizarte Zientziek erabilitako ezaugarriei elementu subjektibo bat erantsi zien, hau da, kontzientzia nazionala. Honela, bere baitan sentimendu erreferentzial eta identitario hori bereganatzen duen herria, kultura, etnia edo talde soziala bilakatzen da, hain zuzen ere, eskubideen subjektu, eta beraz, lurraldez Estatu diferentziatu bihurtzeko eskubidea atxikitzen zaio. Ildo juridiko-politiko honetan, bada, nekez ahal liteke nazionalista izatea sezesionismoa posible izatea onartu gabe, zeren eta edozein herrik ezin baitu bere buruaz libreki baliatu bortxaturik daukan estatuaz aske izatea galarazten bazaio. Gaur agian inoiz baino areago ari da ius cogens (eskubide hertsagarria) via plebiszitu bakezko soluzioa eragozten hainbat kasutan non herriek politikoki, errebindikazio nazionalisten bidez, beren buruaz baliatzeko eskubidea planteatzen duten (Michaud, Droit a l’autodetermination eta pouvoir politique, 1980) Egoera honetan, bada, orain eta hemen, internazionalismoa pentsaezina da, ez bada abiatzen nazionalismotik (Michel Cahen, L’inter-nationalisme contre la mondialisation, 2001). Honela bada, esan bezala, politikaren jatorri grekoaren kontzeptutik abiatuz, ondorioztatu behar genuke globalizazioari gaurko ardatzetan aurre egiteko era iraultzailea nazionalismo independentista litzatekeela soilik. Venezian ez zen ezer bukatu, zerbait berria bezain diferentea hasi baizik. Idazlanak eta idazleen lanak Tere Irastortzaren tokia betetzeko aukeratu ninduten Gasteizen, 2016an. Halaxe erabaki zuten Euskal Idazleen Elkarteko bazkideek, apirilaren 21ean Gasteizen antolaturiko Batzar Orokorrean. Hurrengo lau urteetarako lehendakari bihurtu nintzen eta, Zuzendaritza Batzordeko karguak berritu ondoren, Arantxa Urretabizkaia, Joxe Miel Bidador eta Juan Ramon Makuso aukeratu zituzten zuzendaritza kide. Nik Arantxari eskaini nion lehendakaria izatea baina ez zuen onartu nahi izan eta gurekin jarraitu zuen, lehendakariorde gisa, beste urtebete. Nire jardunaren balantzea eginez eta lortutako emaitzen artean, nire ustez behintzat, hauxe nabarmenduko nuke: euskal idazleen “kontzientzia profesional gero eta handiagoa” egin zela gure lanari esker. Izan ere, idazleen konpromisoa ez baita soilik bere idazkuntzarekiko duena, baizik eta baita bere lan eremuko baldintzen hobekuntzarekin duen gizarte konpromisoa ere. XX. mendeko bukaerara arte, oro har, euskal idazlea gizona izan ohi zen, erlijio munduan ibilitakoa... nahiz eta profila ez da beti hori izan: adibidez, 1983an Euskal Idazleen Elkartea sortzearen urtearen aurretik, idazle elkartea eratzeko beste saio batzuk egin ziren: 1968an Ermuan; 1955ean Donostian, Alfontso Irigoienen eskutik; eta gerra ondoren eta gerra garaian ere bai, Jokin Zaitegi eta Andima Ibiñagabeitiarekin. Orduko euskal idazlearen estereotipoak ez zeukan zerikusirik duela urte gutxi arte ezagutu genuenarekin, eta are gutxiago gaur egungoarekin. Baina, zertan aldatu dira EIEren helburuak azken mende erdi honetan zehar? Hasteko, EIE ez da inoiz herri elkartea izan, elkarte profesionala baizik. Liburugintzan eta irakurzaletasunean eragiteko asmoarekin sortu zen, eta bide horrexeri jarraitu diogu beti. Euskara literarioa finkatu eta honen erabilera zabaldu ondoren, hausnarketa egiteko unea iritsi zitzaigun: euskarriak goitik behera aldatzen ari dira, liburu tiradak gero eta txikiagoak dira, euskaraz idazten dutenak gero eta aniztunagoak dira, eta soziolinguistikoki gero eta garrantzi handiagoa daukate era guztietako testugileek, sareetakoak, kazetariak eta testuliburuen egileak barne; baina hori guztia ez da behar bezala egituratu oraindik. Nik uste dut, beraz, idazleen ikuspegitik, orain arteko lorpenik handiena idazlearen kontzientzia zabaltzea izan dela. Gure ofizioa praktikan eta jardunean ikasten denez, ezinbestekoa da nolabaiteko militantismo edo zaletasuna izatea, baina, zorionez, gero eta kontzientzia profesional handiagoa dago. Egia da literaturaren testuingurua ere goitik behera aldatu dela; 1980ko garaian oso garrantzitsutzat jotzen zen gure literaturarako Shakespeare, Kafka eta mota desberdinetako kanpoko egileak euskaraz izatea, baina orain gurea kanpora ateratzea ere bada xedea, Koldo Mitxelenak Gure arbaso zaharren baratza artikuluan idatzi zuenaren haritik. Halere, bideragarriago suertatu zaigu kontaktuak eta itzulpenak Georgiarekin, Esloveniarekin, Finlandiarekin eta urrutiko kulturekin egitea, Espainiarekin eta Frantziarekin baino. Baina orain euskal literatura prestatuta dago globalizazioaren erronkei aurre egiteko. Erdi Aroan, idazketa zabaltzen hasi zenean, euskara ez zegoen prestatuta ezer idazteko. Ondoren, Guttenbergen garaian, protestantismoaren bidez testuak itzultzen hasi zirenean, hortxe ageri zitzaigun Leizarraga ozta- ozta, eta modernitatearen garaian Azkoitiko Zaldunak ditugu, baina euskarak ez zuen gauza handirik lortu, El borracho burlado eta beste bizpahiru gauza kenduta. Eta horrela ibili gara Internet eta globalizazioa iritsi arte. Historian lehen aldiz, masa kritiko minimo batekin, behar bezalako teknologia ezaguerarekin eta euskara batu literario eta finkatu batekin, gure hizkuntza garaiz eta pronto iritsi da halako erronka teknologiko bati aurre egiteko. Egun, euskarazko Wikipedia mundu mailako berrogeigarrena da, euskarak baino hiztun askoz gehiago dauzkaten beste hizkuntzen aurretik. Baina, beti bezala, ondo bidean emandako urratsak euskal gizarteari zor dizkiogu, euskaldun militanteei eta kontzientzia linguistikoa daukatenei esker egin dugu aurrera arlo horretan, Euskal Herriko erakunde ezberdinek ezer gutxi egin duten bitartean, eta zer esan literaturaren arloaz, non Armiarma edo Booktegi bezalako egitasmoak, funtsean, lan militanteak diren (pribatuak), edota UEUk euskal unibertsitatea online zabaltzeko ahaleginak behin eta berriro zapuztuta geratu behar izana, zeinak erakundeetan ez duen behar bezalako arreta piztu eta, bideratzeko aukera izan denean, funtzionarioen korporatibismoak egitasmo horren aurka erabilitako amarruek galarazi duten aurrera joateko aukera denon kalterako. Honetan ere publikoaren eta pribatuaren arteko ustezko kontraesanak atzeratu du arlo honetan funtsezkoak diren proposamen eta mundu digitalerako egokitzapenak, eta, aurrera egin bada, berriro diot, euskal hiztun kontzienteen ahaleginari esker suertatu da. Baina globalizazioak dakarren literaturen arteko lehiakortasuna ezberdina da. Une honetan, oso fenomeno interesgarriak dira literaturan herri baltikoak eta Eskandinaviakoak. Norvegiak, adibidez, Euskal Herriaren antzeko biztanleria dauka, eta, bi estandar literario dituen arren, izugarri zabaltzen ari da munduan barna. Are nabarmenagoa da Japoniaren kasua. Duela 50 urte, 20 dialekto baino gehiago erabiltzen zituzten, eta geroztik hizkuntza estandarizatu eta mundu osora hedatu da. Gurean ere estandarizazioa lortu da eta kalitatezko gauzak egiten ari dira. Horren froga dira Eider Rodriguez, Sarrionaindia, Atxaga, Kirmen Uribe edo Mariasun Landa, euskal literaturaren nazioarteko erreferentzia bihurtu direnak. Halere, euskal irakurlea lehen baino aniztunagoa da, dudarik gabe. Historikoki euskara batua sortu zenetik pasatu diren urteak ez dira ezer, eta askotan ez gara konturatzen horren denbora laburrean egin dugun bidearen luzeaz. Egun, denetariko literatur lanak aurki daitezke euskaraz, gay literatura, erotikoa, umorezkoa, dibulgazioa eta feminista barne. Ramon Saizarbitoriak zioenez, hizkuntza handiagoetan askoz ere gehiago begiratzen diote merkatuari, baina gurean sortzaileek garrantzi gehiago ematen diote kalitateari. Dena den EIEren etorkizuneko erronkak hor daude. Elkartea birdefinitu behar da testugile desberdinen aterpe izan dadin. Arlo sindikalean, hitzarmen berri bat lortu behar dugu edizio kontratuak eta sektoreko lan baldintzak eguneratzeko. Eta, azkenik, lan gehiago egin behar dugu irakaskuntza formalean eta ez formalean, literaturak sentimenduzko heziketan daukan betekizuna sustatzearren. Euskal Idazleen Elkarteak ez ditu bere baitan idazle soilak biltzen, euskal idazleak baizik. Hau da, hastapenetako elkartze saiakeretatik hasita, euskaraz idazten dutenen kezkei nahiz beharrei erantzun nahi izan die EIEk. Ildo honetatik, EIE bera eratu aurretik, gainerako beste aurre- tiko bileretan ere (1968ko Ermuko zina kasu...) euskal herritarren artean beren idazkietan euskara erabiltzen dutenak elkartu nahi izan dira. Horretan, Joxe Manuel Odriozolaren saiakera egileak horren zorrotz salatzen duen euskal hitzaren erabilera lauso bezain bidegabeari muzin eginez (2008), EIEk euskaraz idazten dutenak baino ez ditu biltzen berean. Honetaz argi azaltzen zuen Joxemiel Bidadorrek EIEren funtsa: “Euskal Idazleen Elkartea euskal idazle oro sustengatzeko bokazioaz jaio eta garatu izan da. Beharra ez da txikia, baina, premiak bultzaturik, bagoaz, gure neurri apalean, historiak utzitako jaraunspen betegabe horri erantzun nahian” (2009). Dena den, EIErena ez da jardun honetako lehena izan, euskal idazleek beren behar eta kezkei aurre egin ahal izateko zerbait lagungarri sortzearen asmoa zaharra baita. Euskara batuaren historian, adibidez, famatua izan zen Hendaiako Bilkura, 1901eko irailaren 16an, Fédération Littéraire Basque sortu zelarik, Campion eta Aranaren gidaritzapean, zeinean ikusarazten zen euskaraz idazten zutenen arazoei aurre egiteko, EIErekin alderatuta arazo berberak edo oso antzekoak izateagatik behintzat, elkartzea zela biderik pragmatikoena. Torrealdai zenak 1977an Euskal idazleak gaur argitaratu zuenean EIE sortu gabe zegoen, baina liburugintzan aditua den soziologoak “talde lanaren premia” honela aldarrikatu zuen: “Idazle diren aldetik, profesionalki antolatu gabe daudela esan dezakegu.” Zenbait urte lehenago Ermuko zina gauzatu zen, eta bertan, Gerediaga Elkartea aitzindari, 1968ko ekainaren 28tik 30era bitartean eginiko biltzarrean Idazleen Alkartea sortu zen, “idazle guztiok baturik, euskera literarioaren batasunaren alde”. Hurrengo urtean, 1969ko irailaren 6an, Baionako Euskal Idazkaritzan biltzarra ospatu zuen EIEren aurrekari horrek, non Aresti eta Txillardegiz gain Torrealdai bera agertu zen, idazkari moduan. Hala eta guztiz ere, haiek hizkuntzaren helbururako saiakera izan ziren gehiago gremio helburu pragmatikoak baino, eta, euskara batua indarrean jartzeaz batera, aipatu elkartea ahulduz joan zen. Hurrengo ahalegina 1978koa dugu. Hartantxe, Durangoko Azokaren itzalean, idazle batzuk bildu ziren betiko ideia hura martxan ezartzeko, baina helburua ez zen gauzatuko 1982ra arte. Urte hartan, uztailean, Anjel Lertxundi, Xabier Gereño eta Joxe Mari Velez de Mendizabal elkarturik, EIE juridikoki sortu zuten, 1983ko otsailaren 28an, Lertxundi bera lehendakari zela. Hasieran EIEren bazkideak 93 ziren. Orduko lehendakariaren hitzetan: “[...] euskal idazleen arteko harremanak lantzeko eta idazleen beharrak asetzen saiatzeko”. Orduan sorturiko Elkarteak gaur egun hirurehundik gora bazkide ditu, eta bere xedeak honako hauek dira: “Euskal idazleen eskubide profesional eta moralak defendatzea. Euskalgintzaren eragile aktibo eta eraginkorra izatea. Euskal literatura zabaltzea Euskal Herri osoan zein atzerrian. Idazleen lanaren proiekzio soziala bideratzea.” Joxemiel Bidador zuzendaritzakideak eta historialariak lau arotan sailkatu zuen orain arteko EIEren ibilbidea. Hasieratik 1990era bitartean lehena, legeztatze eta kokatze aro gisa izendaturik. Garai horrek bi lehendakari ezagutu zituen: Anjel Lertxundi lehenbizikoa eta, 1985. urteaz geroztik, Joxe Mari Velez de Mendizabal. Helburu nagusia honela definitu zuten: “oinarriak eta xedeak finkatzea eta xede horiei zegozkien egitasmoak gorpuztea: euskal liburuaren legetasmoa Eusko Jaurlaritzan aurkeztea eta, horren ildo berean, idazleen eskubideen defentsarako oinarriak finkatzea eta aholkularitza juridikoa eskaintzea”. Lertxundik, bere aldetik, horrenbesteko urteko tarteak ematen duen eskarmentutik, honakoa uste zuen: “Hainbat sektore erregularizatzea garrantzitsutzat eman zen. Argitaletxeek, sorrera garai hartan, era prekarioan lan egin behar zuten, esparru literarioak ahazten zituztelarik. Eragozpen handiak ziren eta finantza arazoak. Idazleak guztiz modu boluntarioan egiten zuen lan. Idazleok babesa nahi genuen, gure hitza eta lekua izatea” Joxe Mari Velez de Mendizabalek, berriz, arlo profesionalari nahiz hizkuntza arazoei kasu eginez, horrela ikusten zituen hasierako ahalegin haiek: “Prozesua luzea izan zen, kontuan izan 1968an perfilatu zen hizkuntzaren normalizazioan idazleok lagundu behar genuela eta eskubide profesionalak defendatu”. Aro honetan, gerra osteko Galeusca literatur jardunaldiak hasi ziren, 1985ean eta Bartzelonan. Euskal Herrian eginiko lehen Galeusca 1986an egin zen, Donostian, eta haren ondoren hiru urtez behin ospatuz joan izan da orain dela gutxi arte: Bilbon, Lekeition, Gernikan, Gasteizen, Iruñean, Miarritzen... Bigarren aroa, beti Bidadorren proposamenari bide emanez, 1990etik 1996rakoa izan zen, “corpus literarioaren garai” gisa definiturik. EIEk literatura bera hartu bide zuen helburutzat eta, horri jarraituz, Hegats literatura aldizkaria eta Euskal Idazleen Katalogoa sortu zituen. Elkarteak idazleen prestakuntzari ekin zion, gidoi ikastaroa, literatur sarien jarraipena, edo Idazleak Ikastetxeetan deritzon egitasmoak bideratzeari, adibidez. Aro honen bukaeran “irabazi asmorik gabeko” elkarte bilakatu zen EIE, ia 170 bazkide bilduz; bazkidetu ahal izateko, bestalde, lau baldintza hauetako bat bete behar zen, gutxienez: liburu baten egile izatea, liburu oso baten euskaratzaile izatea, berrogeita hamar artikulu euskaraz argitaratuak izatea edo Elkarteko Batzar Nagusiak ohorezko kide izendatzea. Bigarren aro honetan ere bi lehendakari izan zituen EIEk: Patri Urkizu eta, 1993tik aurrera, Joxerra Gartzia. Azken honek Elkartearen zereginari horrela zeritzon: “Gutxi irakurtzen da baina prestigioa dauka kulturak, gure agintariei galdetu beharko diegu zenbat axola zaien kultura. Elkarteak ez du bakarrik sindikatu modura jokatu behar, kulturgintzaren eraikuntzan eragile aktiboa beharko luke izan”. Hirugarren aroan Andolin Eguzkitza izan zen lehendakari, 1997tik 2001era. “Gizarteratze aroa” litzateke Bidadorren hitzetan, nahiz eta, sailkapen honetarako, hark Edorta Jimenezen iturria aipatzen duen. Andolinek, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izan zen bost urteetan, ahalegin berezia egin zuen idazle guztien arteko batasuna indartzeko, eta behin eta berriz aldarrikatu zuen idazleari merezi duen estatusa aitortu behar zitzaiola: “Euskal idazleak, salbuespenak salbuespen, ez dauka presentziarik euskal gizartean. Eta idazlearen presentzia publiko horren faltak gurpil zoroa apurtzeko ahalbide guztiak mozten ditu. Ezezaguna denez, euskal idazleak ez baitu euskal merkatuan behar beste saltzen literaturaz bizi ahal izateko, ez zaizkio obrak erdaretara itzultzen eta sendotasun ekonomikoaren bideak irekitzen”. Baina ildo beretik zioen euskal idazleak ez duela sinesten oraindik euskaldun eta idazle izatea posible denik: “Idazle kontzientzia falta zaio, oro har, idazleari, hori da nire analisia. Beharbada, benetan beren burua idazle gisa ikusi zuten lehenak Mirande eta Aresti izan ziren eta, ondoren, 1960ko hamarkadaren bukaera aldera idazten hasi zirenak”. Hortik aurrera “kontuak aurrera” egin duelakoan zegoen, eta, horren adibide, lehendakari zela parte hartu zuen azken Galeusca, Lekeitiokoa: Idazle euskaldun asko hurbildu ziren bertara, eta gehienak gazteak. Hori seinale ona zen. Jakin-en argitara emandako artikuluak aipatu gabe ezin utzi, eta horien artetik bereziki bat, 127. zenbakikoa: “Idazleen Elkartearen ikuspegitik hiru gertakari aipatu gura nituzke: Elkartearen plan estrategikoa, lehendakariordearen izendapena eta Eusko Jaurlaritzarekin izenpeturiko ituna”. Aurretik, ordea, honakoa izkiriatu zuen: “Hor betidanik, mundura sortu ginenetik bai behintzat, betiko uste genuen gizaldia desagertu da behingoz. Beste berba zorrotzago bat zuk erabiliko banitu bizitzaren erdira heldu naizela esan beharko nuke, eta hodeiertzera heltzeko neure tartea halandaze gero eta laburragotuz doala. Eta esperantzak? Bat bai behintzat, oraindik ere bizi gara, eta gainera ez edozelan”. Garai horretan hiru ildo nagusi landu zituen elkarteak: Idazleekin solasean egitasmoa, EIEren ahaleginak Euskal Herri osora zabaltzea, Ipar Euskal Herria eta Nafarroa barne, eta kultur erakundeekin biltzea eta erakunde instituzionalekin harremanak lantzea. Urte hauetan, 1997an zehazki, Joanmari Torrealdairen Euskal kultura gaur kaleratu zen, liburuaren munduari buruzko liburu mardula, eta bertan EIEri buruzko gogoeta azaldu zuen soziologoak EIE elkarteaz idazleei galdetuta: “[...] harritu eta guzti egiten da bat idazleek zein positiboki baloratzen duten EIE ikusita; % 53 dira diotenak ona edo oso ona dela EIEren lana”. Hiru garai horien ondoren, EIEk egitasmo handi bati ekin zion 2001-2004 bitartean, Tere Irastortzaren lehendakaritzapean: Plan Estrategikoari. EIErentzat geroari buruz begiratzeko modua izan zen. Begirada luzatu eta geroa, ahal izan zen bezala behintzat, finkatzeko. Edorta Jimenezek nahiz Bidadorrek zehazturiko lau aroei Komunikazio Planaren garaiak jarraitu zien, baina Elkartearen barne arazoek ere ezaugarritu zuten aro hau. Ordukoa izan zen Elkartea hainbat kidek utzi izana. Baina horrelakoak bizilege direnez, aipatzearekin aski delakoan nago. Nire aroa, berriz, duela hamabost urtekoa, berrabiatzekoa izan zitekeen, baina geroak esan zigun egiturazko arazoek berdin segituko zutela. Denbora aurrera doa, nahiz eta askotan konturatu ez. Horren seinale da EIEn lehenengoetako bazkide izan ziren asko hilda egotea: Federiko Krutwig, Juan San Martin, Agustin Zubikarai, Lurdes Iriondo, Joan Mari Lekuona, Bitoriano Gandiaga, Martin Ugalde, Txillardegi, Piarres Xarriton, Joanmari Torrealdai bera ... 1982an sortu zenetik lan handia egin du EIEk. Orain argazki zaharrak begiratzen hasi, eta ederra da garai hartan elkartearen sorreran parte hartu zuten idazleak oraindik bileretan-eta ikustea. Imajina dezakegu zenbat batzar, zenbat buruhauste, zenbat komeria... idazleen elkartea osatzeko. Hori guztia gogoan, bildu zen 2008ko urteko bazkideen batzarra Durangon, martxoaren 15ean, eta Durangoko zina izenburua zeraman agiria irakurri genuen Anjel Lertxundik, Joxerra Gartziak, Joxe Mari Velez de Mendizabalek eta neronek, Batzar Orokorraren barnean egindako prentsaurrekoan. Bestalde, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik eta Piarres Xarritonek merezitako omenaldia jaso zuten, 25. urteurrenaren karira. Jean Luis Davantek eta Markos Zapiainek haien omenezko testuak irakurri zituzten, Durangoko Plateruenean egindako bazkariaren ostean. Txillardegik ezin izan zuen jaso, osasun arazoak zirela medio, EIEk oparitutako euskara batuaren gaineko Baionako adierazpena- ren oroigarri, eta Davanten emazteak hartu zuen haren ordez. Txillardegi hain sakonki hunkitzen zuen Unibertsoaren azkengabetasun itzelaz jabetzeko aurreneko urratsak Kopernikar iraultzak emanarazi zizkigun. Iraultza horren adierazpen metafisikoa Amsterdamen ondu zuen Descartesek. Gure iritzi eta sineste asko (errukiaren onura, abertzaletasuna, berdintasun ekonomikoaren egokitasuna...) sendi giroak sarrarazi dizkigu gogo-bihotzetan, edo koadrilak, hedabideek, adierazi zuen Txillardegiri idatzitako gorazarrean Markos Zapiainek. Durangoko zinak, berriz, honakoa zioen Ermuan, duela berrogei urte, Idazleen Elkartea zenak aldarrikatutakoa: “Idazle guztiak baturik, euskara literarioaren batasunaren alde lan egin dezagun” berritu nahi dugu orain eta hemen gure Euskal Idazleen Elkartearen zilar ezteien karira. Anjel Lertxundik eta Joxe Mari Velez de Mendizabalek 1983ko otsailaren 28an legeztatutako elkartean bazkidegoa gorantz doa, zenbakietan nahiz parte hartzean eta, honezkero, idazle izatearen kontzientzia iratzarri egin da euskal testugileen artean. Euskal Kulturan, urteen poderioz etorritako urtemugei (Euskal Herriko Unibertsitatea, Udako Euskal Unibertsitatea, Euskara Normaltzeko legeria, EITB eta abar...) segida eman zien gureak horretan eta, ospakizunez gain, gure jardunaz bilana egiteko probestu nahi genuen. Hau da, gure elkarteak bere historian zehar pairatu behar izan dituen ezinbesteko gorabeherak gainditurik, gero eta eraginkorragoa izateko hartutako deliberoa dugu, agian, lorpen handiena. Legeztatu eta gizarteratu ondoren, abagune honetan eduki ditugun erronkei erantzuteko gure eguneroko lanak hasi ginen berrantolatzen eta, ondo bidean, azpiegiturak, funtzionatzeko erak eta giza baliabideak egokiturik, kultura arloan gertatzen ari zen iraultzari behar beste ihardesteko gai izango ginelakoan geunden. Horretarako, orain arte behintzat, gure elkarteak euskal idazketa sustatzeko erakunde publikoen aldetik funtsezko laguntzak lortu bazituen ere, haiek handitzen eta fintzen ibili beharko genuen genioen, baina kasu!, kultura ezin da inoren morroi izan eta, beraz, haien laguntzaz gain, gure arloko premiei erantzuteko prestatu beharra zegoela elkartea. “Euskal idazleen eskubide moral eta profesionalak defendatzeko” sortu zen Elkartea eta orain, ahalegin hura bideratzeko, idazlearen kontratu mota berri baten eredua lantzen lagundu nahi genuen Europako esparru berrira egokitu bitartean. Asko falta zaigu oraindik benetako idazle giroa lortzeko. Elkarren arteko ezaguera eskasa gainditzeko premia badago eta berrikuntzak behar ditu elkarteak, baina, ustez, bazkidegoa garaiz eta ongi iritsi da hona, hobetzeko asko eduki arren. Badakigu, jakin ere, liburuak irakurle asko galdu dituela urte hauetan eta irakurle berriak bereganatzen, aldiz, ez dela asmatu. Gure arloko funtsezko erronka, beraz, irakurzaletasunaz behar bezalako hausnarketa egitea eta, horren arabera, estrategia berriak bideratzen laguntzea litzateke. Aipatutako ekimena ardatz, azken urteotan euskal kulturan estrategikoki birkokatzeko aukera bideratu ahal izatea izan zen, bada, gure helburua. Ez da erraza izan baina merezi izan du. Ardatz diren helburuez gain, hots, batetik, euskal idazlea babestea dagozkion eskubide profesionalen aldetik; eta, bestetik, irakurzaletasuna sustatzea, egun, berriz, bi helburu nagusi horiei begira jarraitu du programak-eta antolatzen, aintzat hartuta programa horiek etengabeko berrikuntzak behar dituztela bazkideen eta, oro har, gizarte osoaren nahiak eta beharrizanak aseko badira. Bazkideak dira EIEri balioa ematen diotenak, neurri handi batean haien bitartez eskaintzen diolako elkarteak gizarte osoari literaturaz gozatzeko aukera. Hala ere, bi xede horiez gain baditu EIEk beste batzuk, 2001. urtean egindako hausnarketaren ondorioz sortutakoak. Plan Estrategikoa jarri zuten abian orduko arduradunek, besteak beste, elkartearen helburuak zabaltzeko aukera eman zuena: idazleak batzea eta kideen parte hartzea sendotzea, euskalgintzako eragile izatea eta euskal literaturan erreferente izatea, adibidez. Helburu horiek lortzeko ezinbestekoa da, ordea, barne antolaketa eraginkorra lortzea; horretan saiatu nintzen. Egonkortasuna lortu nahian, hain zuzen ere, baliabide guztiak Donostiako egoitzan bilduz ahalik eta prestutasun handiena erdiestea izan da helburua. Esate baterako, antolaturiko Lihuriko Egunak —Galeuscaren parekoa Iparraldean—, edo Donostiako Poesia Egunen ekimen berreskuratua, 1993an Donostian eta 1994an Durangon arrakastatsu egin ostean, 2007an Donostian berriro ospatzen hasi ginen, eta aurrerantzean egitasmo horrekin segitzeko asmoa dago. Lihuriko Egunak, esaterako, Bardozen iragan ziren 2008an, eta hiru egunetan frantses errepublikako hizkuntza gutxituen literaturei tokia eman nahi izan zitzaien. Aspaldiko egitasmoa izanik, azkenean gauzatzea lortu zen. Baina, estatu frantsesean lanean ari ziren hizkuntza gutxituetako idazleak biltzea erronka handia zenez, oztopo asko alboratu behar izan zen horretarako. Izan ere, estatu frantsesean, frantsesak eremu oso zabala okupatzen duenez, hizkuntza asko bizi dira esparru horretan inolako babes legalik gabe, frantses konstituzioaren bigarren artikuluak Frantziaren hizkuntza ofizial bakarra frantsesa dela dioelako. Europako hizkuntza gutxituen kartaren alde frantses parlamentuan eginak izan diren urrats guztiak praktikan baztertuak izan dira aplikatzerakoan. Lihuriko Egunetan beste helburu bat zegoen. Partaidegai guztiak errealitate horren jakinean zeuden, eta beraz, egin nahi zitzaien proposamena beste eremu batekoa zen, literaturari toki bat irekitzea zen helburua. Euskal Idazleen Elkartetik, Ipar Euskal Herrian bultzatu nahi zen lan ildoaren barnean, lehentasun gisa, literaturen arteko elkartzea zen. Horretarako, Baionan talde bat biltzea erabaki zen. Bildu zen taldean frantses errepublikako beste hizkuntzetako idazleekin urteetan harremanetan ibilitako idazleak zeuden, eta haiei esker helbide zerrenda osatua zegoen mahai gainean. Arazoak gaindituta 2008. Lihuriko Egunak antolatu zuen EIEk lehendabizikoz urtarrilean. Frantses errepublikako hizkuntza gutxituen literaturei tokia eman nahi izan zitzaien. Lehenik azpiegitura, hau da, nola proposatu elkarlan bat baldintza egokietan, dirurik ez dagoelarik? Euskararen Erakunde Publikoarengana eta Euskal Kultur Erakundearengana jo zen, EIEren baliabide ekonomikoei laguntzeko. Dirulaguntza lortu, prestaketari lotu eta aurrera. Ezin ziren eremu guztiak hunkitu, hizkuntza gutxitu asko daudelako, baina geografikoki hurbilenak direnak gomitatuak izan ziren. Hala eta guztiz ere, esperantza galdu dugu, honezkero, ondoko urteetan biltzar zabalago baten antolatzeko, urruneko uharteetakoak eta guzti gauzatzeko. Bretainiatik, Alsaziatik, Ipar Kataluniatik, Kortsikatik eta Okzitaniatik baietzak eskuratu ziren orduan, idazleak prest zeuden guregana etortzeko. Non antolatu? Nork egingo zigun harrera adoretsua? Bardozetik etorri zitzaigun proposamena eta laguntzaren eskaintza. Bertako dantza taldeak, txotxongilo taldeak eta auzapezak mintegietarako gelak eskaintzen zizkiguten, harrera ofiziala egiteaz gain. Pixkanaka, urratsez urrats aitzina joan zen, eta euskal idazleek parte hartzeko gomitak igorri ziren. Hiru egunez, hogeita bost partaide izan ziren, kazetari, poeta, kontalari, bertsolari, denak idazleak. Lehen goizean elkarren ezagutza egin genuen, bakoitzak bere mundua ekarri zuen mahaiaren ingurura. Emozio handiko unea izan zen, egoera ez baita oso alaia zoko guztietan. Bakoitzak ekarri zituen bere bizipenak eta pozak. Euskaldunongandik hain hurbil diren beste idazle hauek hobeki ezagutzeko aukera izan genuen, eta haiek, berriz, gure ezagutza egin zuten. Ez baita erraza idazle handien erresuman idazle txikien egoera. Okzitaniarrak indartsu etorri ziren, proiektuz beteak; katalanek Hego Kataluniako laguntza aipatu zuten; Bretainiakoak haserre, Frantziak ez baitu inongo urratsik egiten hizkuntza gutxituetan sortzen denarekiko. Eta proiektuak aipatu ziren, itzulpenak, webgune bat, informazio trukatzeak, hori guztia martxan ematekoa zen, laguntza eskertua izan zen. Aldarrikapen bateratua idatzi zen hiru egun horietan gertatu zena plazaratzeko eta munduari Frantziak ezagutzen ez dituen literaturek bizirik dirautela eta bide luze bat irekitzen ari direla adierazteko. Ondoko elkarretaratzearen antolatzeko okzitaniarrek proposatu zuten beren burua, denok lan horretan jarraitzeko nahia erakutsi baikenuen. Beraz, gurearen ondoren hitzordua Besiersen izango zelakoan geunden, baina alferrik zeren egun haiek ez baitziren oraindik gauzatu ere egin. Elkartze historikoa izan zen, lehen urratsa egina izan zen hiz- kuntza gutxituen indartzearen helburua daukana. Hegoaldean, aldiz, Galeuscak ere, bere hogeita bosgarren urteurrena ospatzearekin batera, legezko izaera bateratua eman nahi izan genion geure buruari, 2008ko ekainaren hamabostean Pobleteko monastegian. Horrela, Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Galiziar Idazleen Elkarteak (AELG) eta Kataluniar Idazleen Elkarteak (AELC) Galeusca Idazleen Elkarteen Federazioa sortzea deliberatu genuenez, nortasun eta erabateko gaitasun juridikoa izango zuen handik aurrera kataluniar, galiziar eta euskal idazleak ordezkatzeko, sustatzeko eta defendatzeko; bazkide dituenen ekintzak koordinatzeko, eskubide profesionalen defentsan eraginkortasun handiagoa izateko, modu bateratuan aritzeko, maila autonomikoan zein europarrean, administrazio publikoko erakundeen nahiz erakunde pribatuen aurrean, normaltasuna bultzatzeko literaturan, adierazpen eta euskarri desberdinetan, idazlearen lanbidean, eta aipatutako hizkuntzen erabilera sozialean edota sorkuntzan sustapen politikoak eragiteko, loturak bultzatzeko idazleen interesak ordezkatzen zituzten federazio edo el- karteekin, eta baita literatur ekoizpena bere arlo guztietan zabaltzeko eta baita komunikatzea ahalbidetzen zuten enpresa edo agenteen federazio eta elkarteekin harremanetan jartzeko ere. Federazio honi esker, bada, hiru elkarteak ordezkatuta egongo ziren estatuko nahiz Europako edozein erakunderen aurrean, publikoa nahiz pribatua izan. Honek ahalbidetuko zuen, adibidez, Espainiako Kultura Ministerioaren aurrean hiru elkarteak ordezkatuko dituen mintzakide bakar bat izatea, nortasun juridiko bakarra izatea eta alderdi juridikoan erabateko gaitasuna duen erakundea izatea (hitzarmenak sinatzeko, dirulaguntzak jasotzeko, idazleen lanbideari buruzko arauak negoziatzeko etab. ). Aipatutako helburu horietarako, honako jarduerak egingo zituen federazioak: alde batetik, hizkuntza ezberdinetan eta genero eta euskarri desberdinetan egindako literatur ekoizpena zabaltzea eta sustatzea. Bestetik, gai profesionalei buruzko ikerketa eta heziketa programak garatzea eta azterketa monografikoak enkargatzea. Honetaz gain, biltzarrak, mintegiak, ikastaroak, erakusketak eta beste jarduera kolektibo batzuk antolatzea. Eta azkenik, agiriak, azterlanak eta zabalkuntza lanak argitaratzea, eta erakunde publiko nahiz pribatuetan parte hartzea. Beraz, federazio honek erabateko nortasuna eman zion ordura arte batzar “informala” zen Galeuscari. Abiatzen zen unetik bertatik ordezkaritza eman zitzaien osatzen zuten elkarteei, nork bere burujabetzarik galdu gabe, eta ordura arte heldu ezin ziren erakundeetara iristea erraztu zielakoan geunden. Aldi berean, lagungarri izango zen informazioa eskuratzeko, jarduera bateratuak bultzatzeko eta, oro har, sinetsirik geunden baliagarria izango zela kudeaketa ekonomiko zein administratiborako. Laurogeita hamabost urte badira Espainiako estaturik gabeko hiru nazioek “Itun Hirukoitza” Katalunian iragarri zutenetik. Izan ere, duela laurogeita hamabost urte, Espainiako Errepublikak gazteleraz besteko kulturei eskaini zien begirune urriaz eskarmentaturik, Galeusca izena eman zion Telesforo Monzonek galego, katalan nahiz euskaldunon berariazko elkartzeari, uda hartan Galiziako Santiagon partaide guztiek onartu eta sinatutako izendapenari. Bi urte geroago, eta Eduardo Pondal poeta galegoaren jaiotzatik ehungarren urteurrenaren karira, Lauaxetak aipatu hiru hizkuntzetako idazleon arteko elkarlanerako deia zabaldu zuen. Franco hil ondoren, hiru kulturetako idazleak Pobleteko Galeusca berreskuratuan berriro biltzen hasi zirenetik mende laurdena baino gehiago igaro da dagoeneko, esan bezala, eta Euskal Idazleen Elkartea bere sorrera gogorarazteko efemeride bera ari zen ospatzen ekimen horri ekin geniolarik. Hantxe bildurik, Txillardegik idatzitako hau irakurri zuen Jerardo Elortza EIEko lehendakariorde eta lagun minak: “Zoritxarrez behin eta berriz azpimarratuko duguna: adierazpidetzat hautatzen den hizkuntzak zertzen edo zedarritzen du zein literaturari dagokion; eta ez bizilekuak edo izkribuaren xedeak berak. Unamuno idazle española da, eta Pio Baroja ere bai. Bide beretik, Claire Etcherelli sartrezalea idazle frantsesa da, eta James Joyce ingelesa, eta ez irlandarra. Geurera etorrita, Raul Guerra Garrido eta Ramiro Pinilla autore españolak dira, Atxaga, aldiz, eta Irigoien, eta Koldo Izagirre, euskal idazleak dira. Bertrand Rusell galestar idazletzat hartzea ezinezkoa da. Mintzabideak ZERTZEN du obraren natura. Arazoa honetan (eta ez honetan bakarrik) garbi agertzen da gure hizkuntzak zein urrun dauden normaltasunetik. Gal-eus-ca indartzea guztiz beharrezkoa jotzen dut. Eta interes handiagoa dugu geuk euskaldunok, katalanek baino. Oso egokitzat jotzen dut harremana iraunkortzeko lotura-batzordea sortzea. Elkarrekiko itzulpenak, argitaraketa bikunak, eta abar. Oso ondo dena. Elkarren berri jakin, eta mundura zabaltzea ere, guztiz beharrezkoa.” Batasun juridiko horren lehenengo emaitza Madrilen gazteleraren balizko diskriminazioa salatzeko zenbait intelektual ezagunek (Savater, Espada eta abar) kaleraturiko agiriari erantzuna eman nahian etorri zen eta, bere balio historikoagatik, jarraian dator adostutako jatorrizko testua: Ante el discurso pretendidamente homogeneizador y centralista que subyace en el Manifiesto por la lengua común, la federación de asociaciones de escritores Galeusca quiere dejar constancia de lo siguiente: 1. La realidad plurilingüe que conforma y da existencia al Estado español, lejos de ser entendida como una “asimetría” o deficiencia per se, trata de reproducir de manera transparente una diversidad lingüística y cultural común a la mayoría de los Estados que conforman la Europa plurilingüe. 2. El gallego, el euskera y el catalán no son “inventos” recientes sino lenguas que fueron normales en sus territorios y sociedades respectivas durante cientos de años. Su desnormalización, su pérdida de usos públicos, no se produjo de forma “natural”, sino por invasión de la lengua que se decretó como oficial del Estado, sin consulta ni acuerdo previo. 3. El artículo 3 de la Constitución española garantiza la presencia de esa lengua común para todos los habitantes del Estado, mediante la imposición a toda la ciudadanía del deber de cnocer el castellano. Toda la ciudadanía de Galicia, el País Vasco y Cataluña asume en la práctica esa imposición, pues no hay persona que no tenga una buena competencia en castellano, independientemente de que la tengan como primera lengua o como segunda, sin que el concepto “imposición” represente un estigma negativo para los hablantes. 4. El gallego, euskera y el catalán también son lenguas oficiales en sus territorios, que es lo mismo que decir que son las lenguas propias de aproximadamente el 40% de la población del Estado español. Estos códigos lingüísticos diferentes del castellano, legítimos y en los que se reconoce el recorrido y expresividad de un pueblo y de una cultura, son instrumentos de comunicación igualmente “democrática”, herramientas de relación interpersonal útiles y necesarias para la sociedad que las sustenta. 5. El derecho al uso público, en todas las instancias, de la lengua propia está reconocido en todas las legislaciones democráticas del mundo. En ámbito europeo, hay que recordar la Carta Europea de las Lenguas Regionales o Minoritarias (aprobada y ratificada por el Estado español) o la Declaración Universal de Derechos Lingüísticos, aprobada por unanimidad del Congreso de los Diputados. 6. La visión anuladora que de la realidad plurilingüe del Estado español se transmite desde este manifiesto, lleva a pensar en la similitud con tesis de la etapa franquista: un Estado, una lengua, y, consecuentemente, a reforzar los planteamientos diferenciadores entre ciudadanos de primera y de segunda por razón de lengua. La competencia plurilingüe, también para los ciuda- danos españoles nacidos en comunidades autónomas con una única lengua oficial, siempre será una llave que abra el mundo, que abra las fronteras del respeto por el otro desde la interpretación de una relación de equidad entre los seres humanos, independientemente de su lugar de nacimiento, de residencia o de su lengua primera. 7. El aprendizaje de lenguas, además de la propia, siempre debe ser entendido en positivo y como sinónimo de enriquecimiento del individuo, pues el aprendizaje plurilingüe no consigue sino estimular expresiva y cognitivamente a las personas. En el caso de Galiza, el País Vasco y Cataluña es imprescindible que la población sea competente en las dos lenguas oficiales, para que luego cada uno pueda decidir libremente si usa una u otra en los diferentes ámbitos y situaciones. Es decir, la doble competencia es imprescindible para garantizar la libertad lingüística. 8. Para garantizar esa utilización libre de las lenguas se precisan medidas emanadas de una política lingüística adecuada. Es decir, para garantizar los derechos que tenemos también los y las hablantes de catalán, euskera y gallego se precisan políticas lingüísticas que creen las condiciones para ejercerlos, tal y como dictó el Tribunal Constitucional en la sentencia 337/1994 cuando “avalaba un trato desigual, que no discriminatorio, para las dos lenguas oficiales en función del carácter propio de una de ellas que hace preciso una acción normalizadora que debe, necesariamente, implicar acciones de apoyo singularizado”. 9. Las políticas lingüísticas aplicadas al ámbito educativo en las llamadas comunidades bilingües tienen como objetivo conseguir que el alumnado consiga una buena competencia en las dos lenguas oficiales, independientemente de cual fuere su lengua familiar. Para conseguir ese objetivo, es preciso desenvolver planificaciones lingüísticas que garanticen la consecución de ese objetivo y que pasan, necesariamente, por la utilización tan mayoritaria como vehicular de la lengua más desfavorecida socialmente. Esto, en vez de ir contra la libertad lingüística, es, precisamente, una actuación imprescindible para garantizar esa libertad lingüística. 10. Las escritoras y los escritores gallegos, euskaldunes y catalanes PROCLAMAMOS nuestra voluntad de seguir escribiendo en nuestras lenguas y a contribuir al proceso, inacabado, de normalización de las mismas, como derecho humano, democrático, pacífico al que no vamos a renunciar. Repudiamos enérgicamente todos los intentos de EXCLUSIÓN, que colegas escritores españoles realizan de nuestras lenguas y lamentamos que, en lugar de preocuparse por la salud del español en Puerto Rico, Costa Rica o los USA, se dediquen a combatir lo próximo y asimétricamente discriminado. 2008ko ekainaren hamabostean Pobleteko monastegian. Hizkuntzaren kezkak aginduta Joanmari Torrealdaik 1977an Euskal idazleak gaur argitaratu zuenean orduko idazleriari bere jardunaren zergatiaz galdetu zion, eta denek hizkuntzaren atxikimenduaz, euskararen alde aritzeagatik alegia, idazten zutela zioten. Hau da, garai hartan ez zen sumatzen euskal idazleen artean profesionaltasunaren aldeko inolako kezkarik. Aitzitik, ia denek militantismoagatik idazten zutela zioten. Urte haietaz artikulu argigarria utzi digu Josemari Velez de Mendizabalek, non Euskal Idazleen Elkartearen sorrerako urte haiek ulertzeko makina bat datu ezezagun ematen duen. Hona hemen pasarte hautatu batzuk: Euskal Idazleen Elkarte bati itxura ematen ari zen Arana Martijarengana hurbiltzen hasi nintzenean, Euskaltzainditik ziharduen, ordurako Jose Antoniok euskararen akademian lan egiten baitzuen. Eta berau zen Elkartea sortzeko lanetan ari ziren eragileetariko bat. Elkarte baten gaineko ideia ez zen berria. Ezaguna den moduan, Jokin Zaitegi zenak Idazleen Etxea deitzen zuena eratu nahi izan zuen modu altruista batez, baina porrot egin zuen ahaleginetan, euskal idazleak arazo desberdin batzuez arduratzen baitziren garai hartan. Eta aurrerago: “Iragan mendeko erdialdean jar genitzake euskal idazleak elkartzeko aurreneko ahalegin serioak. Bidegoiango Usarragan bildu zen 1955eko azaroaren 27an idazle taldetxo bat: Imanol Laspiur, Paulino Larañaga, Bittor Kapanaga, Andoni Kaiero eta Alfontso Irigoien. Bilera hartan mami gehien hartu zuen gaia, Donostiako Julio de Urquijo Mintegiaren babesean eta Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean euskaltzale talde batek lanean hasteko hitza eman zuela, asteroko bilerak antolatuz, izan zen. Euskal Atlas Linguistikoa eta Azkueren Hiztegi Osotua ziren mintegiko euskaltzale haien ardurarik nagusienak. Bi hilabete beranduago, 1956ko urtarrilaren 15ean, Eibarren bildu ziren Usarragan egondako batzuk, hitzordu berrira idazle gehiago ere azaldu zirelarik: Imanol Laspiur, Jose Antonio Eizagirre, Paulino Larrañaga, Andoni Berrueta, Jose Luis Ugarteburu, Serafin Basauri, Andoni Totorika, Margarita Murgizu, Teresa Urrestarazu, Konta eta Felisa Basauri, Pablo García de Arteaga, Juan San Martin, Evaristo Martinez de Iturrate, Elena Etxebarria eta Alfontso Irigoien. Jose Luis Alvarez Enparantzak ezin etorria azaldu zuen. “ Bistan denez, bilera haietako idazleen kezkak euskararen inguruan ziren. Euskara normalizatu baten aldeko jarrera indartu nahi izan zen balizko Idazleen Elkarte baten bidez. Honela, Velez de Mendizabalek kontatzen duenaren arabera beti ere, Alfontsoren estiloarekin jasotako hurrengo aktan ideia horiek islatzen dira. Bilera bat egin zen 1956ko martxoaren 4an, Deban, eta Jokin Zaitegi, Gabriel Aresti, Pablo Garcia de Arteaga, Paulino Larrañaga, Andoni Berrueta, Evaristo Martinez de Iturrate eta Alfontso Irigoien agertu ziren. Urteak pasa eta 1969ko irailaren 6an, Euskal Idazleen Elkartearen antzeko bat sortzeko biltzarra burutu bide zen Baionan non Gabriel Aresti, Jose Azurmendi, Jose Antonio Artze, Jean Erdozaincy-Etchart, Salbador Garmendia, Xabier Gereño, Daniel Landart, Amaia Lasa, Jose Luis Lizundia, Ramuntxo Kanblong, Xabier Kintana, Ibon Sarasola, Joan Mari Torrealdai, “Txillardegi” eta Anjel Zelaieta bildu ziren. Sortu beharreko Elkartea legeztatzeko idazkari hautatu zuten Joan Mari Torrealdai bera, eta Araudia idaztearen ardura Txillardegiren esku utzi zen. Euskararen batasunaz, Zeruko Argiako zuzendariarekin mintzatzekotan geratu, eta egin berri zen Elkartearen hurrengo bilera 1969ko abenduaren 27an Baionan egitea deliberatu zen, non egileen eskubideetatik bakoitzak Elkarteari %1 ematea proposatu zen eta bazkideen urteko kuota 100 pezetan jartzea. Orain, bistan da, EIEn ez da ordainketa sistema hori erabiltzen, baina Hego Amerikan, adibidez, antzeko sistemak proposatzen dituzte egun (egile eskubideen zati bat egileen elkarteak finantzatzeko erabiltzea, alegia...) inperialismo kulturalari aurre egin ahal izateko. Elkartearen hurrengo bileretan, beti, Velez de Mendizabalek idatzitakoari jarraikiz, “Batasunaren Kutxa” izan zen onartua, idazle guztiek bete zezaten. Koldo Mitxelenak, hortaz jabetuta nonbait, idazki luze bat bidali zien Elkarteko arduradunei, Errenteriatik 1970eko martxoaren 27an, Baionara joateko ezintasuna azalduz baina erabakiarekin bat zetorrela adieraziz. Hurrengo biltzarrean, 1970eko maiatzaren 1ean Eibarren egina, hogeita hamar bat idazlek, alfabetatze lanetan ziharduten hamabost bat irakaslek, ikastolei lotutako hiru lagunek eta irakaskuntzan ari ziren hiru maisuk izenpetu zuten “Batasuna- ren Kutxa”. Hortik aurrera ez omen zen gauza handirik egin 1978ra arte, non, abenduaren 5ean, Durangon bilduta egoera aldaratuta zegoela baieztatu zen, eta Jose Antonio Arana Martija aukeratu zuten Elkarteko idazkari. Aurrerantzean, legeztapena erdiesteko, 1979ko maiatzaren 7an, Euskal Idazleen Elkartea sortzeko idazkia izenpetu zuten honako hauek: Xabier Gereñok, Jose Antonio Arana Martijak eta Juan Jose Zearretak, Azkue Bibliotekan bil- duta. Gereño izendatu zuten lehendakari, Arana Martija idazkari eta Zearreta diruzain. Gauzak, halere, ez omen ziren errazak izan. Espainiako Barne Ministerioak “interes profesionalak” eta abar Lan Ministerioaren eskuduntza zirela argudiatu zuen eta, gainera, estatutuetan aldaketak egitera behartzen zituzten. Nahiz eta dokumentazio berria 1980ko urtarrilaren 3rako igorria izan, alferrikako saiakera izan zen hura ere. Azkenean, 1982ko otsailaren 25ean, Gipuzkoako Diputazioaren Elkano aretora Jesus Mari Lasagabaster, Arantza Urretabizkaia, Josu Landa, Jose Antonio Agirre, Iñaki Azkune, Xabier Garagorri, Luis Mari Muxika, Jose Antonio Arana Martija, Jose Antonio Loidi, Federiko Krutwig, Angel Lertxundi, Iñaki Zubizarreta, Manu Ertzilla, Pello Zabaleta, Alfontso Irigoien, Juan San Martin eta Jose Mari Velez de Mendizabal idazleak agertu ziren, Idazleen Elkarteaz aritzeko. Federiko Krutwigek txosten bat bidali zuen elkartearen asmoaz, behin eta berriz argudiatuz elkarteak erakunde profesionala izan behar zuela. Bildutakoen artean, elkarteak Euskaltzaindiaren babesetik kanpo egon behar zuelako iritzia zen zabalduena. Hortik aurrera, arestian aipatu bezala, 1982ko uztailaren 30ean, Euskal Idazleen Elkartea sortzeko agiria izenpetu zuten Angel Lertxundik, Xabier Gereñok eta Velez de Mendizabalek, eta Estatuaren Buletin Ofizialean argitaratu zen 1983ko urtarrilaren 26an. Hamabost urte beranduago, ordea, Torrealdairen Euskal kultura gaur liburuaren munduaz ale mardula kaleratu zenean, euskal idazlearen kontzientzia profesionala abian zegoen, hizkuntzarekiko motibazioak mantendu arren, nahiz eta 2007an, EIEk eginiko barne inkesta batean, egungo idazleek, Elkarteak “euskalgintzan eragile izateari” ez zioten berebiziko garrantzirik ematen, eta, aldiz, egile eskubideen kudeaketari, literaturaren sustapenari eta idazleen gizarte laguntzari munta handiagoa ematen zioten. Dudarik gabe euskal letren esparruan aritzen diren eragileen kezkak aldatuz doaz. Espainiako trantsizio politiko deitutakoaren garaian, esaterako, Konstituzioari buruzko erreferenduma gauzatu aurretik (1977an) eta Katalanerazko Kulturaren Kongresua Mallorkan bildu zelarik, Associació d’Escriptors en Llengua Catalana eratzeari ekin zioten hango idazleek, besteak beste, haien hizkuntzaren alde idazten zutenak babesteko, hau da, katalanera era- biltzen zuten idazle katalanak. Berehala, gaztelera zerabilten hango idazleek beren Asociación Colegiada de Escritores Catalanes ere sortu zuten garai bertsuan, euskaldunon artean 2012ra arte gertatu ez dena. Edozein modutara, Associació d’Escriptors en Llengua Catalanak irekitako bideari ekin genion euskaldunok 1982an, eta ordutik hona haiekin batera ibili gara Galeuscan, CEDROren bileretan edota idazleon eskubideak defendatzen, beste hainbat ekimenetan adeitsu bezain bateraturik. Honen karira, Associació d’Escriptors en Llengua Catalanak bere hogeita hamargarren urteurrena ospatu zuenean, haren gonbidatua izan zen EIE, 2007ko azaroaren 29an Bartzelonako Casa Fusterren egin zen ekitaldian. Ospakizunarekin batera, Associació d’Escriptors en Llengua Catalanak jakin izan zuen bere historia egungo gizartera eramaten eta gaurkotze bideari ekin zioten bazkide zaharrak berreskuratuz edota egungo arazo berriei (idazle eta editoreen arteko hitzarmen berriak, irakurzaletasunaren birmoldaketa eta abar...) egokituz. Bide horretatik ari zen EIE bere hogeita bosgarren urtemuga ospatzean, zeren, goian esan bezala, gizartearekin bat, idazleen beharrak eta kezkak aldatuz baitoaz, nahiz eta, Associació d’Escriptors en Llengua Catalanaren kasuak ongi adierazten duen moduan, sorkuntzarako hautatutako hizkuntza normalizatu gabe egoteak elkartearen zeregin guztiak baldintzatu egiten dituen. Gutenbergen asmakizunak indarra hartu ahala idazkiak eskuz kopiatu beharrean liburuak eskuratzea merke bezain arrunt bihurtzen joan zen. Liburugintza babestuko zuen legea, bada, argitaratzaileek eskuratu zuten beren alde. Honela, Erresuma Batuan Ana Erregina zela kaleratu zen copyright deitutakoa, 1710ean. Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, kopia eginez, 1790ean onartu zuten Federal Copyright Act delakoa, argitaldarien alde beti ere. Artean, idazlea, gainerako sortzaileak bezala, artisau gisa besterik ez zen hartzen, eta Erregetzaren, nobleziaren edota Elizaren menpeko langilea soilik izaten zen. Frantziako Iraultza gertatu zenean, baina, erabateko gizarte eraldaketak ekarri zituen, sortzaileen askatasuna eta, era bertsuan, birkokatzearen premia. Musikariek eta margolariek, idazleek bezainbeste, ezin izan zuten iraultza aurretik jende printzipalak emaniko babesaren kontura bizi, eta haien diru iturriak finkatzearen alde “egile eskubideak” aldarrikatzen hasi ziren. Abagune hartan kaleratu zuen Denis Diderotek bere Liburugintzari buruzko gutunak idazlana, 1763an Anglosaxoien ikuspuntuan (copyright-a) ez bezala, legeak, enpresaria (argitaratzailea) ez ezik, sortzailea aterpetu behar duela defendatzen du Diderotek. Hau da, bere aburuz, gerizatu beharreko gaiak ez du kopia soilak izan behar, egileak berak baizik. Planteamendu moderno hau eztabaida sakonen iturri izan zen. Izan ere, pribilegioaren aurka eta berdintasunaren alde altxaturiko Iraultzak pribilegiotzat jotzen zuen hura eskubidetzat baino gehiago, eta ezin zuen, beraz, onartu. Horrelako ustea zuten, esaterako, Turgotek eta Condorcetek; azken honek honako hau zioen: “Kasu honetan, gainerakoetan bezala, pribilegioek ez dute laguntzen gizarte ekimena eta eraginkortasuna, bakar batzuen esku uzten baitute sorkuntza eta, gainera, zergek ekoitzitakoa zamatu egiten dutenez, kanpoko produktuak bertakoak baino merkeagoak izango dira”. Diderot liburu-saltzaileen aldeko legean oinarritzen zen (bere garaian “pribilegioak” deitu izan zitzaien) idazlea babesteko baina argi asko bereizten zuen lurraren edota beste zerbait materialaren jabegoa eta egile-eskubideak (“soroak eta liburuak ezin dira alderatu”) baina Condorceten ustetan “pribilegio guztiak gainerako herritarrentzat kaltegarriak dira berez...” hura ez zen onargarria. Diderotek uste zuen idazki bakoitzak, singularra den neurrian, berau sortu duenarena izan behar duela ezinbestean, eta honela argudiatzen zuen: “Gizakiak duen berezkoena, sentimenduek sortutakoa, sortzaileari ez badagokio, zeini dagokio, bada?”. Condorcetek, ostera, ideiak azaltzerakoan, adierazpideek ez zutela inolako garrantzirik ihardesten zion, eta ideiak, ustez, denonak lirateke, eta, gainera, pribatizatu ezinezkoak dira. Argi dago. Condorcetentzat jabego intelektualak gehiengoaren interesekin talka egiten bazuen ere, Diderotentzat funtsezko eskubide onartua izan behar zuen. Orduko legeria, nekez, bi jarrera hauek biltzen saiatu zen egile eskubideak onartuz, alde batetik, eta haiek, denboran bederen, mugatuz bestetik. Dena dela, begi bistakoa da bien arteko kontraesan teorikoak ebatsi gabe segitu zuela, eta hori Fichte polemikan sartu arte izan zen gutxienez. Idazle alemanak ez zuen onartu Condorceten argudioa (“ideiak orokorrak eta denonak direla eta ez dutela jaberik”), bere ustez bikoizkeria faltsuan oinarrituta zegoelako. Haren aburuz, sorkuntza bakoitzak modu bateratuan eskaintzen ditu ideien adierazpenak eta adierazitakoa da, argi eta garbi, norbanakoarena dena eta aitortu beharrekoa, hain zuzen ere: “Ezin da inor edozein gogamenez behar bezala jabetu haren forma aldatu gabe. Ezinbesteko eraldaketa hau, beraz, bakoitzaren jabego propioa izango da betiko”. Esan beharrik ez dago adierazpenerako egin beharreko eraldaketa hori hizkuntzarena ere badela eta, ondorioz, sorkuntzarako aukeratzen den hizkuntza bakoitzari bere egile eskubideak aitortu behar zaizkiola. Horretan oinarriturik adostu zen Suitzan (Bernan) Egileak babesteko nazioarteko legea, 1886an. Hura moldatua izan zen Berlinen (Alemania) 1908an, argazkilaritzari nahiz zinemari ere ezartzeko. Erroman (Italia), 1928an, uhinen bidez zabaltzeko eskubidea egileari onartu zitzaion. Handik aurrera mundu mailan idazlearen babeserako legeak egon badaudela esan litekeen arren, haien interesen kudeaketa, horretarako toki bakoitzean eratutako elkarteen esku geratu da. Euskal Idazleen Elkarteak, besteak beste, badu hortxe, edukia, lan eremua. Egilearen eskubideak defendatzeko eta jabego intelektuala aldarrikatzeko Euskal Idazleen Elkartearen antzeko erakundeek daramaten jarduna, askotan, estatuak dituen ogasun zergen bilketa modukoarekin parekatu nahi izan dira era sinple bezain maltzurrez. Izan ere, zentzu txarreko ohiko erkatze horiek kultura garatzeko ezinbestekoak diren lege azpiegiturak ez dituzte aintzat hartzen eta, ustez, kulturak luxua edota erakunde politikoen nahiz merkatuaren menpeko lana izan behar duela pentsatzen bide dute. EIEn, adibidez, Idazleak ikastetxeetan programak arrakasta izan du sortu zenetik. Programan parte hartzen duten guztiei onurak ekartzen dizkie. Programa horren arduradunari, EIEri; programa diruz laguntzen duenari, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari; eta egitasmoan zuzenean parte hartzen dutenei: ikasleei ez ezik, irakasleei eta idazleei ere bai. Eskola orduan liburua lantzen dute ikasleek irakasleen laguntzarekin, eta, hartara, idazlea ikastetxera joaten denerako landuta izaten dute liburua. Irakurzaletasuna sustatzeko programa aparta da Idazleak ikastetxeetan. 70 bat bazkidek, 420 ikastetxek eta 12.000 ikaslek hartzen dute parte urtero. Hori, Euskal Autonomia Erkidegoan. Idazleak eskoletan programa abian da Ipar Euskal Herrian, EEPren dirulaguntzarekin. Nafarroan ere egin izan dira hainbat saiakera, baina ez dute oraingoz aurrera egin, eta horixe izango da aurrerantzean elkartearen erronka ildo horretan: Nafarroako Gobernuarekin akordiora heltzea. Idazleekin solasean edo Literatur jarduerak izenekoa da Elkartearen beste ardatzetako bat. Idazleak ikastetxeetan programan oinarrituta, Andolin Eguzkitza lehendakari zen garaian sortu zen egitasmoa, ikastetxeetatik gizarte osora zabalduz. Bi programa horiei esker, zazpiehun saiotik gora egiten dira urtean zehar Euskal Herriko ikastetxe, kultur etxe, liburutegi, euskaltegi eta abarretan: horrek esan nahi du egunean bi idazle dabiltzala hara eta hona euskal literatura lantzen. Argitalpenetan, kalitateko aldizkaria da Hegats, azken garaiotan digitala bihurturik, eta EIEk sustatutako irratsaioak ere nabarmenduko nituzke. Goian aipatu bezala, idazletza, idazketa eta egile eskubidearen defentsarako aferak ezin dira ulertu gainerako askatasun borroketatik at (adierazpen askatasuna, prentsarena, askatasun politikoak eta abar), eta, arazo juridikoa bada ere, kultura aske baten garapenerako funtsezko gaia dugu. Areago, gurea bezalako kultura gutxitu batentzat. Izan ere, mota guztietako laguntzaz gain eta diskriminazio positibotik aparte (ez dut nik esango euskaraz egiten denak haien beharrik ez duenik...), eskubideaz ari garelarik bistan da jabego intelektualaren aurkako jarrerak kultur onuraren ezeztapena dakarrela eta, harekin batera, ez da ari balizko pribilegio baten aurka jotzen, mendeetan zehar kultur langileek eskuraturiko nazioarteko zuzenbidearen kontra baizik. Globalizazio garaian gaude, non informatikak, merkatuak eta teknologiak agintzen duten, baina, Fichtek zioen moduan, “Ezin da inor edozein gogamenez behar bezala jabetu haren forma aldatu gabe”. Horixe baita ezagutzaren ardatza. Eta ezagueraren gizartea informazio gizartea soilik ez denez, egile eskubideak baztertzeko saiakerak onartezinak dira, eta Euskal Idazleen Elkartea bezalako erakundeak behar dira horri ekiteko. Informazioak askea eta denona behar duela izan ukaezina den bezala, ezaguerako eskaintzak, kulturazkoak, sorkuntzak, dagozkionari zor zaizkio edo, bestela, kultur gabeziara joango gara azkar asko. Kultura ez baita hezkuntza maila ezta jakinduria soila ere, herri ahaleginen esparrua baizik, eta, gurean, euskal kulturan, idazketak duen munta, eskubideez babestu beharrezko jarduna dugu. Gure hizkuntzaren antzeko egoeran idatzi behar izan duen Milan Kunderak argi utzi zuen Kafka ez zela txekierazko literaturaren idazlea, alemanezkoarena baizik, eta idazlea bere idazkietatik banaezina dela... Egile eskubideak defendatuz eta euskal literatura sustatuz, bada, kultura gabeko garaiotan eta kultura gutxituaren eremuan bereziki, sorkuntza estali nahi duena kenduz eta esparrua argituz segitzeko ahalegina egingo du, bada, Euskal Idazleen Elkarteak, kolpez kolpe, lerroz lerro... Halere ez da inoiz izango nik zuzendu nuen EIE hura. Hartan, zuzendaritza ezberdinetan bildu ginenok, hala nola, Arantza Urretabizkaiak, Patxi Salaberri Muñoak, Joseba Tobar Arbuluk, Leire Bilbaok, Jerardo Elortzak, Castillo Suarezek, Mikel Peruarena Ansak, Asel Luzarragak... (eta barka bezate aipatzen ez ditudanak), Galeusca antolatzen laguntzen zuen EIE batean lan egin genuen. Nik 2010ean utzi nuen Lehendakaritza, eta, nire partez, Ander Iturriotzek hartu zuen euskal idazle kolegiatuen lema. Nire agintzaren garaian 2008ko krisi ekonomikoaren eragina nabaritzen hasi bazen ere, 2010etik aurrera gero eta nabarmenago bihurtu zen, eta EIEk berrantolaketari ekin behar izan zion. Anderrekin batera Kiti Lasa Otxoteko, Josemari Carrere, Pako Aristi eta beste lagun batzuk sartu ziren zuzendaritzan, eta denak batera ezinbesteko egokitzapen hori aurrera eramaten saiatu ziren, arlo ekonomikoa kudeatzen zuen Eluska Urruxulegiren laguntzaz. Egile eskubideen defendatzaile historikoa izan zen Denis Diderot izan zen, bere sasoian, Kiti Lasa Otxotekoren Doktorego Tesiaren gai nagusia, eta berak, denboraren poderioz, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko idazkaria izango zena, kudeaketa arloan hartu beharreko erabakiak hartzeko gaitasuna erakutsi zuen. Kant eta modernitatearen iraultza (2005) liburu kolektiboa argitaratu genuenean, Kitik idatzitako artikulua beste izen batez kaleratu zen, eta hori zuzendu beharrean beste idazleak berarentzat aldarrikatu zuen idazkia, nahiz eta lapurreta intelektuala eta plagioa izan. EIEren abokatua zen Elena Lakaren bidez auzia konpondu bazen ere, ez da hura izan gure Akademian ezagutu dudan plagio bakarra. Anderri, berriz, lehendakaritzak sekulako lana ekarri zizkion, niri bezala, erakunde oso presidentzialista baitzen eta, noski, eginbehar asko ezin baitira ordezkatu, eta, ondorioz, sasilanak, astolan bihurturik, metatuz doaz etengabe. Tere Irastortzaren partez postua hartu nuenean, Ana Urkizak utzi berriak zituen elkartearen lanak, Andolin Eguskitzaren garaitik hartua zuena, eta nik Iratxe Etxebeste kontratatu nuen Anaren lanak betetze aldera. Anderrekin segitu ondoren, Jasone Osorok lehendakaritza hartu eta gero utzi zuen lana, eta Oier San Martinek bete izan du zeregin hori, nahiz eta ordukoarekin erkaturik guztiz berdina ez izan, orain arte. Egia esanda, idazletza eta filosofia arloan behintzat, beti izan dut Kiti Lasa Otxoteko aski gertu, berari pasatu ohi nizkion kaleratutako liburuak, eta hark haiei buruzko iruzkin interesgarriak egiten zizkidan; baina, Galeusca dela eta, EIEk idazle katalan eta galegoekin batera aspaldidanik landu izan dituen harreman estuekin jarraitu ala ez dilemaren aurrean batik bat, ez ginen ados izan. Izan ere, hala Pako Aristik nola Joxemari Carrere lagunek, zuzendaritzaren gainerakoekin batera, noski, Galeuscarekiko gure harreman historikoa bertan behera uztearekin bat egin zuten, baita CEDRO agentziarekin ere. Gogoratzen naiz aspaldiko adiskidea den Joxemarirekin horretaz eztabaidatzen egon nintzela, eta berak eman zizkidan funtsezko argudioak ekonomikoak zirela, baita EIEko zuzendaritzan denak horrekin bat zeudela ere. Jasone Osoro zegoen lehendakaritzan garai hartan, baina Pako eta Joxemari aipatu baditut ere, beraiek Galeusca bertatik bertara ezagutzeko parada izan zutelako izaten da. Bigarren Errepublikatik ordura bitartean, klandestinitatea barne, izandako lotura hautsi egin zen, aspaldiko erreferentzialgarritasuna baztertuz. Iruñeko Batzarrera gaiari heltzeko gogoz joan nintzen, baina Berastegin buelta eman behar izan nuen sekulako elurtea bota zuelako. Ez dakit zenbat jende bildu ote zen aipatu bileran, baina tamaina horretako erabakia hartzeko ez zitzaidan iruditu egoera eta modua hoberenak zirenik. Halere, esan bezala, handik hona EIEk ez dio Galeuscari lehen bezala eutsi. Cesareo Sanchez Iglesias poetak eta idazle galegoen presidenteak behin baino gehiagotan deitu zidan harremanak berreraiki nahian baina, penaren penaz, gure erakundeen arteko haustura gauzatuta zegoela esan behar izan nion behin eta berriz. Gironan egindako XXII. Galeuscan (“Tradizioa eta disidentzia” izan zen gaia) Asteasuko Irazuren berbak eta izkribuak lana aurkeztu nuen azaltzeko, besteak beste, pertsona berean aurkitu daitekeela bertsolaria eta idazlea, ahozko berben jostuna eta kontzeptu filosofikoak darabilen ikaslea eta, ohikoaren kontra, ahozko bertsolaria poeta baino berritzaileagoa ere izan daitekeela. Aurkezpenerako ETBk ekoitzitako programa baten testuen eta irudien arteko erkaketa erabili banuen ere, hona hemen laburtuta Gironan (2005ean) azaldutakoa. Ez da ohikoa izan gurean nekazal herri txiki batean filosofia ikasi duten bi gazte aurkitzea. Asteasun topa daitezkeen biek, ordea, hizkuntza dute langaitzat. Haietariko bat, Bernardo Atxaga ezizenez, idazle gisa dugu ezagun Asteasutik kanpo. Bestea, berriz, Jexusmari Irazu bertsolariak, bere izen-abizenez eskuratu du sona euskaldunon artean. Egungo giro kulturalean, non modernitatearen ondorioz idazkia hitzari aspaldi gailendu zitzaion, bertsolari baten azalpenak tradizioaren jarraipena, inguruari loturiko adierazpen errepikatua, pentsamendu konkretua eta homogeneo bezain itxia hartu ohi da, idazlearen lanak abangoardia, unibertsalismoa eta berrikuntza edo pentsamendu abstraktua, heterogeneo edota irekia onartua izan den bitartean. Dena den, Irazu idazleka bere Asteasuarekiko lotura maiz ager dezake Irazu bertsolaria unibertsitateko egoeraz kezkaturik azaltzen den une berean. Hau da, idazlea herriminez egoten da bertsolariaren ardurak guztiz modernoak diren bitartean. Begi bistan azaltzen zaizkigun kontraesan honen eta beste batzuen aurrean, kultur herentzia eta disidentzia ohi bezain eskematikoki aztertu behar al dira? Esaldi latinoak honela dio: “scripta manent, verba volant”. Baina jakin beharra dago, haren esanahia, berriz, testuinguruaren arabera aldatuz doala. Izan ere, oraingo sasoi honetan idazkeraren balioa azpimarratzeko erabili arren, bere garaian ahozkotasunaren alde izan zen erabilia. Halere, gaurko ikuspegietatik behintzat, esaeraren mezua ahozkotasunaren balioa gutxiesteko erabili arren, latindarren artean sortu zelarik, aldiz, idazkiaren aldean ahozko ekoizpena goratzeko izan zen zabaldua, zeren, hala orduan nola egun ere, berbak munduan zehar “hedatzeko” inolako kontrolik gabeko gaitasuna baitute. Irazu bertsolaria, beraz, unibertsitateko egoeraz kezkaturik agertu ohi da. Bertsolaria eta ilustratua dugu era bertsuan. Herentzia eta disidentzia biltzen ditu bere baitan, bere adierazpidea guztiz tradizionala bada ere. Bere hitzak lau haizetara zabalduz doaz. Idazkera, ilustrazioaren sinonimotzat harturik, tradizioren aurkako joera hartu da historikoki. Idazketa, bada, bere aldetik, kultur-berrikuntzarako lanabesa ulertu izan ohi da: disidentziarako nahiz aurrerakuntzarako baliagarria. Ahozkotasuna, berriz, heredaturiko tradizioaren gordelekutzat jo izan dute. Giza zientziek erabilitako ohiko eskema hori, ordea, hala M.M. Bajtinek nola bere jarraitzaileek ere ezarri zuten kolokan Erdi Aroko inauterietako herri adierazpenen disidenteak aztertuz. Beste ildo desberdinetatik baina eskematismo faltsu hura gezurtatuz beti ere, aritu ziren M. Foucault, J. Derridas eta G. De- leuze. Bertsolaritzari buruz, bestalde, M. Lekuonaren idazkien arrastora mugitu izan dira Aitzol, Kixkitza eta abertzaletasun his- torikoaren adar kulturalak bertsolarien “adierazpen disidenteak” estaliz eta bertsolaritza “tradizio” berrietara eramanaz. Haien arabera, XX. mendearen hasieran “ahozko literaturaren balioa” aldarrikatzen da euskal letretan eta, horrekin batera, gardenena, bertsolariaren nahiz bertsogintzaren azalpenak hasi ziren birmoldatzen, berezko “disidentziak” leunduz eta... hizkuntza, keinuak, itxurak, agertokiak etab. “duinduz”. Adibide bat jartzearren, Joxe Mari Lopetegi bertsolari errepublikazalea ez zen gonbidatua izan Euskaltzaleak elkarteak antolaturiko lehenengo “Bertsolari Egunetan” (1935ean eta 1936an), nahiz elkarte horretako bazkidea izan. Honen karietara sorturiko txapelketak zein jaialdietako bertsolariak “heziak” dira “basatiak” izan beharrean. Ez dira mugituko arloteen antzera (bertsolariak gero eta hieratikoagoak bihurtuko dira). Antzerkietan eta agertoki duinetan arituko dira (sasi ezkutuan ibili ordez), eta ez dira buruz buruko demetan neurtuko, kanpoko jujepean baizik. Era berean, saiatuko dira hizkuntza “zaintzen”. Aipatu Joxe Mari Lopetegi, adibidez, bertsotan ari zela, kolpatua izango da eta idazkeraren erregistrora pasako diren bertsoak zentsuratuak izango dira, nahiz orduko zentsura, jakina, bertsolariei bezainbeste idazleei ezarri zitzaien. Jasoko den bertsogintza zentsuratua izango da “disidentzia” galduz. Ez da “berdekeriarik” onartuko, politika gaien arabera “kontrolatuak” izango dira eta, beste bertsolari batzuk, besterik gabe, historiarako “desagerraraziak” izango dira. Edonola ere, egun hitza langaitzat dutenen artean, bertsolaria edota idazlea dela, ezin da bereizketa handiegirik egin zeren, P. Zumthor-ek adierazi bezala, “ahozkotasun arartekotuaren” garaian aspaldi ari baikara bizitzen eta horretan pausatu beharreko kontraesana ez da hitza=tradizioa eta idatzia=berrikuntza, adierazpenetan aurkitu daitekeen errepikapena eta desberdintasuna baizik. Idazlearen aburuz bertsolariak “ortodoxoegiak” dira. Errepikapenaren errepikapenaz sortzen omen baitute beren ekoizpena. Horixe bera izan da Ilustrazioa historikoak tradizioa irakurtzeko erabili ohi duen leloa. Egun, aipatu irakurketak irauten badu ere, ezin da eskematismo hutsal horri bidea ematen segi. Badakigu, jakin, mota desberdinetako zentsurak diharduela, baita zentsura garaikidea ezin dela iraganean pairatutakoarekin parekatu ere. Jexusmari Irazuk, ETBko Hitzetik hortzera programaren erdian, zuzenean, paretan Ertzaintzaren aurka idazteagatik, performancea izan zitekeenarena, Euskal Telebistak saioa bertan behera uzteko harturiko erabakiak begi bistan utzi zuen erakundeak disidentziarekiko zeukan (eta daukan) jarrera itxia. Egungo bertsolariek, idazleek bezainbeste, adierazpen teknologiak erabiliz jardun beharra daukate. Egun, sortzaile izateak multimediaz baliatzen ikastea dakar. Hau da, ahozkotasunaren arartekotsuaren garaian idazteak adierazpideen aukera berriez baliatzea eskatzen du Tradizioa gaurkotuz, “errepikapenetik” disidentzia sorraraztea da ibilbidea. Artista edo bertsolaria izanik ere, soilik idazten hasiz gero ez da inor idazle bihurtzen, baina hori idazlea=/=bertsolaria ustezko kontraesanetariko bat besterik ez da. Galderak beste bat behar du izan: sortzailea izateko nola ulertu beharra dago tradizioaren eta disidentziaren arteko harremana? Irazuren berbek eta idazkiek erakusten digutenez, bi Irazu ditugu izen beraren azpian. Izendapen berak esanahi desberdinak biltzen baititu bere baitan. Irazu/Atxagak bertso asko ikasi zituen idazten hasi aurretik, eta Irazu bertsolariak, besteak beste, kazetari lanak idatzi behar izan ditu sosak biltzeko. Biak ala biak sortzaileak dira, ezbairik gabe. Ustez, idazkerak emaniko iraunkortasunak ez du hizlarien hitzak baino gehiago balio. Izan ere, bi adierazpideen balizko egonkortasuna asmakizuna besterik ez baita. Pierre Klossowskik erakutsi zigun bezala, berbak nahiz izkribuak bilakagai direlako. Ez baitago berrikuntzarik gabeko errepikapenik. Tradizioaren baitan disidentziarik egon ezean, irudikapenak sortzea ezinezkoa bailitzateke. Eta, finean, irudikapenik gabe, sentitzea, pentsatzea eta adieraztea kimera hutsa izango genituzkeelako. EIEko lehendakari gisa egokitu zitzaidan lehen Galeusca XXIII.a izan zen (2006ko azaroaren 1etik 4ra), eta gaia “Tabua”. Euskara benetan “tabutzat” hartu zuten orduko Nafarroako agintariek, eta “Lingua Navarrorum”-ez aritu arren ez genuen inolako laguntzarik eskuratu; areago, ez ziguten ezta harrera ofizialik egin nahi izan, nahiz eta hizkuntza ezberdinetako ia ehun idazle bildu eta iragartzeko kartelak Txillidak berak Nafarroaren kateei buruz egindakoa izan. Bertan agertutako lanak argitaratzeko, berriz, liburu bat kaleratu genuen, eta azalerako erabili genuen kartelean zegoen marrazki bera. Esan beharra dago Txillida familia oso ongi portatu zela Euskal Idazleen Elkartearekin baita Galeuscarekin ere. Orduan, Tabuak Iruñan idatzi nuen: “Galeusca honekin batera, Cook kapitaina zenak Hegoaldeko itsasoetan aurkitu zituen tabuak munduan zehar barreiatu ostean lehorreratu berri dira Euskal Herriko hiriburu zaharrean. Polinesiar hizkuntzek, bere txikitasunean, munduko mintzaira guztietara emaniko oparia dugu tabua. Kultura jakin batean debekua dena adierazi egiten dugu tabua aipatuaz: giza harreman arriskutsuak, begiz jotako ekintzak edo jaki lanjerosak... Baina pertsonak edo gauzak ere tabu bihur daitezke. Edota hitzak... eta hizkuntzak. Dagoneko duela mende t’erdia (1856an) Moravian jaiotako Sigmund Freud mediku-idazleak Totem eta Tabua saiakera 1912an argitaratu zuenean, gizabanakoen antzera, gizarteen sufrikarioa aztertzeko eta bideratzeko gakoak eman nahi izan zituen tabua erabiliz. Tokian tokiko gizadietan zerk eragi- ten duen izua, mina nahiz lotsa eta zeren bidez ezabatu eta ahaztu egiten den hura ezagutarazteko baliagarri suertatu zitzaion tabua kontzeptua. Horrela ekarri nahi dugu guk Galeuscara. Gure literatura eginkizunetan zentsura eta galgak nabarmentzeko, kultur ikerketan lagungarri izan dadin. Tabuak gure idazkietan eta gai tabuak. Politikan, afektibitatean zein estetikan. Haiek guztiak behar bezala arakatzeko bildu gara idazle katalanak, galegoak eta euskaldunak Iruña berrian non, zaharrean ez bezala, jatorrizko hizkuntzaren erabilera egun ia tabu bihurtu duten. Literatura dela medio, ezkutatutako tabuak agerrarazteko eta barreiatutakoak barregarri uzteko. Horra XXIII. Galeusca honen helburua.” Hona hemen, beraz, horretarako izkiriatutakoa. Irakurtzen dakienak berehala antzemango dio testu honi orduko agintarien euskararekiko zuten jarrera baztertzailearen kritika ironikoa; ez sarkastikoa, arren. Pena handia ematen dit bere garaian EIEk Galeusca zenarekin moztu izanak, eta egun arlo horretan behar bezalako arreta ez jartzeak. Beste zenbait Galeuscatan ere parte hartzen segitu nuen nik, baina, goian esan bezala, errepikapenak ez du merezi berrikuntzarik gabe eta, kasu honi dagokiola behintzat, ez dut gauza berria errepikatu nahi alferrik. Lorpen kutuna izan zen nire garaian Pasaiako Udalarekin sinatutako akordio bat zela medio “Hugoenea” edo “Idazlearen etxea” lotu izana. Munduko edozein hizkuntza gutxitutako idazleek badute etortzea Pasai Donibanera, dohainik, bere egitasmo literarioren bat gauzatu ahal izateko. Dagoeneko idazle euskaldun, katalan eta galegoez aparte, georgiarrak, esloveniarrak edo kurduak etorri izan badira ere, aukera irekita dago eta idazteko azpiegitura oso erabilgarria izaten da. Ildo beretik, nire lehendakaritza garaian, Durangoko Azokarekin eginiko hitzarmena zela medio, Frankfurteko liburu ferian egiten dutenaren antzera, bi elkarteren artean urtero kanpoko kultura ezberdin bat gonbidatzea adostu genuen. Horrela bertaratu ziren, besteak beste, idazle galegoak, georgiarrak, suomi eta saamitarrak, esloveniarrak eta kurduak (usu kultura bakoitzari buruz Hegats gure aldizkari literarioaren ale monografikoa eskainiz; ni Finlandiaz egin zenaz —42.az— arduratu nintzen) baina, zoritxarrez, 2008ko krisi ekonomikoak jardun interesgarri hau ere jan zuen eta, dagoeneko, orduko hitzarmen hori ez dabil. Bestalde, EIEk goian aipaturiko Frantziako hizkuntza gutxituen arteko bultzaturiko harreman hura ere bertan behera geratu zen jarraipenik gabe, eta CEDROrekiko lotura ere amilduz joan da. CE- DRO, Centro Español de Derechos de Reproducción deituriko agentziaren fundatzaileetariko bat izan zen EIE Franco osteko garaian eta, berez, postu bat bagenuen haren zuzendaritzan ere idazleentzako mota ezberdinetako laguntzak bideratzen laguntzeko. Euskal Herrian mota horretako agentziarik ez dagoenez, oraindik ere euskal idazle askok, norbanako gisa, parte hartzen dute aipatu agentzian, eta laguntza profesionalak zein pertsonalak ere eskuratzen dituzte, baina, era kolegiatuan behintzat, zegoen harremana bertan behera geratu zen EIEk eskatuta. Orain, beraz, euskal idazleak ez du bere laguntzarako agentzia kolektibo onartua eta zabaldua. Igor Estankona poeta eta legelaria saiatu zen erronka horri heltzen baina, nik dakidanaren arabera behinik behin, egitasmoa ez da oraindik behar bezala garatu eta gauzatu. Agian egun, mundu digitalak eragindakoagatik batik bat, euskal sortzaileen egile eskubideak (ez idazleenak soilik, abeslari, gidoigileenak eta abar) kudeatuko lituzkeen beste motako egitura beharko litzateke, sindikatu bat, alegia... baina hori ere egiteke daukagu. Garbiñe Ubedaren hitzetan: “Gune potolo bat beharko genuke euskal kultura osoa erakutsiko duena. Hori ez dago, eta hor egon daiteke urteko uzta osoa, egon daitezke sortzaileen eztabaidak eta nahi duzun guztia, baina behar dugu leiho bat non agertuko garen”. Batzuetan, kointzidentzia perfektuak izaten dira, ia susmagarriak. Idazten ari naizen sasoian EIEko lehendakaritza Garbiñe Ubedari dagokio eta, garai motel eta urri honetan, nire ustez gizartean oro har noraezean gabiltzan bitartean, ohi baino min handiagoa ematen digute estutasunen aurrean betiko galderek, aspaldikoek: zer egin, zer esan, zer idatzi? Zer egin dezake oraindik literaturak? Horiexek datozkit burura. Garbiñek, zorionez, gauzak garbiak ditu: “Gero eta gutxiago sinisten dut sektoreetan eta halako bereizketetan; idazle, musikari, bertsolari: denok antzeko muinean gaude, eta zein da gure problema latza? Euskara. Ez dago modurik hor bizitza duinik egiteko. Ustez bitartekoak jartzen zaizkigu, baina gezurra da, ze sortzaile horiek ezin dute hortik bizimodua atera. Ez da negar egiteagatik, eta ez da koronabirusagatik: lehendik zetorren gauza bat da, eta egungo egoerak agerian jarri ditu gauzak. Eta gauzak are ageriago uzten dituen burla bat izan da Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza. Gu ez gara kultura sektorea. Kultura guretzat lausoegia da; kultura ez, gu transbertsalagoak gara. Benetan sinisten badugu euskarak eta gure kulturak egiten gaituela, kultura egiten duten horiek dinamizatu behar dituzu, horiek direlako bazka ematen dizutenak. Kulturaren alor horretatik bakarrik joz, gu beti galtzaile gara; idazleen kasuan, behintzat, nabarmen. Euskararena ez bada, ez dakit zein den gure muina.“ Txillardegik berak sinatzeko moduko iritzia, bada. Honen aurrean Beñat Sarasolak honela dio: “Gure kulturgintzaren elementu definitzailea euskara dela eta arazo gehienen konponbidea handik etorriko dela pentsatzea osoro erratua iruditzen zait, Bertsozaleen Elkartearen eredua beste diziplinetara igaro daitekeela pentsatzea bezalaxe”. Bistan da bertsolarien eredua ez dela beste arlotara eraman behar. Berezkoa da eta kulturaren beste eremuetan, idazleen artean esaterako, hura bezalakoa ezartzeak ez luke batere lagunduko, baina gure kulturgintzaren elementu definitzailea euskara dela ez dut dudarik. Arestian adierazi moduan, nire bizipenetatik ateratako ondorioa baita, ni ez bainaiz idazlea euskal idazlea baizik eta, askotan frogatzerik izan dudanez nire eginbehar horretan, ezaugarriak, baldintzak, indarrak eta makaluneak ezin dira gutxitze prozesuetatik at dauden beste hizkuntzetako idazleenekin alderatu. Levi-Straussek (La pensée sauvage, 1962) honetaz zioena gogoratuko dugu: “Kultura, funtsean, komunikazio era bat da”. Baina antropologo guztiek azpimarratzen dutenez, munduan komunikazio era desberdinak izanik, gizarteetan zabalduena dugun egoera komunikazio ukipenarena dugu. Aipatutako egoera haiek deskribatu eta ulertarazteko erabili ohi da gizarte zientzietan eredu ekologikoa deritzana. Horren arabera, eta mota guztietako glotofagiak ekidin nahian, ukipen kulturetan komunikaziorako erabiltzen diren hizkuntzak definitzen dira nagusia/minorizatu binomioaz baliaturik. Pare hori dela-eta, gutxiengo baten hizkuntza erabat normalizaturik egon daiteke, eta berarekin ukipen egoeran aurkitzen dena baino txikiagoa izan arren (suomiera eta suediera, adibidez) horrek ez luke esan nahi inolako ordezkapen prozeduran sarturik egon daitekeenik. Hizkuntza minoritarioa litzateke hori, besterik gabe. Alderantziz balitz, ordezkapen zein atzerapen prozedura batez jota egongo balitz, hizkuntza eta kultura hori gutxiagotzen ari dela esango genuke. Hizkuntza gutxiagotua dela, minorizatua alegia. Hona hemen euskararen kasua. Chomsky dela medio argi dauzkagu egun semantikaren ardatzak, ez pragmatikarenak. Informazioaren tratamendua azalarazten digu, eta ez da gutxi gero!, baina gizarteratze zein kulturatze prozeduraz apenas ez digu berririk eskaintzen. Izan ere, hizkuntzalaritza hutsean goi mailakoa dugu, ez noski gizarte hizkuntzalari gisa. Esanahia hizkuntza jakin batek dioena baldin badugu, eta zentzua hizkuntza horrek, bere testuinguruan, adierazten diguna, Chomskyren teoriak lehenengoari ekingo lioke, besterik ez. Baina zentzua izendatu dugun bigarren kontzeptu horretaz jabetzeko beste bide bat jorratu behar izango dugu. Hauxe litzateke bere ekarpenaren muina eta, jakina, bere teoriaren muga ere bai. Bide honetatik joanda, Chomskyren teorien kritikarako beste galdera orokorragoak irekitzerik badago ere, oraingoz, gure auziaren atzean dagoena ulertu ahal izateko puntu honetan bertan geratzea dirudi egokiena. Izan ere, literaturaren funtsa esanahiaren eta zentzuaren arteko bereizketa lantzean datza. Hizkuntzen arteko ukipen egoeran dagoen literatura minorizatu bateko idazleak gara euskal idazleok, eta sortzen duguna, M. Foucaultek esango lukeen modura, menperatutako ezaguerak dira. Menpeko ezagutzazko ekoizpen hauexek, gainera, L. Vygots- kyk ongi asko adierazten duenez, bi ardatzen arabera garatuz doaz: Testuinguruan oinarritutako hizkuntza zehatz batetik destestuinguratzera doan arloan alde batetik, eta tokiko hizkeratik mintzaira abstraktuetarako garatzen den bidean bestetik. Edo, beste modu batez esanda, zentzuaren ulerkuntza hertsitik esanahi orokorraren konkistatzera. Honi guztiari, ordea, ezin zaio antzeman hizkuntza bakoitzetik at, edota, gure kasuan bezala, hizkuntz ukipen egoera jakin batetik at. Izan ere, aipatu bezala, hizkuntzaren gizarte egoerak moldatu eta, neurri handi batean ere, baldintzatu egiten baitigu kulturatze prozeduren menpekoa den ezagutzaren ekoizpena bera. Horrexegatik, har dezagun tarte txiki bat pentsaeraren heterogeneitateaz eta hizkuntz aniztasunen artean dauden harremanez behar bezala aritu ahal izateko. Goian adierazitakoaren arabera, ez dut hemendik aldarrikatzen, Sapir-Whorfen antzera, hizkuntzak pentsamoldeak bideratzen dituenik. Aitzitik, ontzat hartzen ditut horri buruz estrukturalisten aldetik nahiz Chomskyzaleen partetik ere datozen kritikak. Alegia, hizkuntz determinismo mekanikoaren ahulezia teorikoa bistan denez, ezin dela esan inongo hizkuntza besteren bat baino “garatuagoa” edota “egokiagoa” izan daitekeenik. Bai ordea, Vygostkyk, Luriak eta Leontievek frogatu zutenez, pentsamendu eskema unibertsalistak gainditu behar direla beren garapenerako oinarrian dauden ezagutzazko prozedurak kultur baldintzatzearen menpekotasuna onartuz. Hauxe dela-eta, egun garatzerik badugu bere garaian ez Vy- gostkyk ezta Luriak berak ere artearen eta literaturaren garapenari buruz ondorioztatzerik izan ez zutena. Izan ere, ezagutzazko ekoizpen prozedurak aztertzerakoan niri gehien interesatzen zaidana zentzua/ esanahia eta hizkuntza ezarria / hizkuntza abstraktuaren arteko binomioekin lan egitea denez (eta ez Chomskyrengan ez eta egiturazaleengan horretarako inolako ekarpenik aurkitzen denik), beste bide bat jorratzeari ekin behar izan diogu. Horretarako, ezinbestekoa deritzot “garapen hurbilaren arloa” deritzana hona erakartzeari. Lehen esan bezala, gizarte bakoitzak sortzen duen ikur espazioaren kulturatze prozeduren bereganatzean datza bertako kidearen ezagutzazko ekoizpena. Hau da, horrelako bakoitzaren hizkuntza/kulturaren binomioaren arabera sortuko da ezaguera mota bat ala bestea. Mundua kategorizatzeko informazioen sailkapen mota batean besteetan baino gaiago ibiltzearena, eta, ondorioz, egokitutako hori eta ez besteak garatzearena. Beraz, ezagutzaren ekoizpenak ez dira guztiz askeak, baizik eta kulturak garatzen duen leku sozialaren menpekoak. Hortxe dugu gakoa. Baina hobeto ulertarazteko, ekar ditzagun hona guztiz lagungarriak diren Peeter Tulviste irakaslearen iritziak. Jakina denez, Luriak eta Vygotskyk pentsamenduaren garapena baldintza sozio-historikoen pean kokatu ohi zuten. Garapen psikologia klasikoaren arabera, Piageten teoriaren arabera esate baterako, ezagutza subjektuaren eta objektuaren arteko elkarren eraginez eraikiz doan bitartean, sobietar psikologiak tartekatzen ditu harreman hartan bertako gizartearen zein kulturen aurrebaldintzak, eta funtsean hizkuntzaren erabilera. Hau da, alfabetatze edota hizkuntz normalizazioari buruzko bertako egoera medio hurbilduko dira ezagutzazko prozeduren bilakaera hartara. Piagetentzat, ezagutza ekintzetan eta eragiketetan oinarritu bide da bere bilakaerarako. Sobietarrek kultur baldintzaren barnean aipatzen dute hizkuntzaren egoera (beren ikerketetan ikusi zenez, gehienetan hizkuntz ukipen egoera diglosikoa besterik ez dena) ezinbesteko tartekari gisa. Piageten eraginez alde batetik, eta Stalinismoaren ondorioz bestetik, ez da behar bezain aintzakotzat hartu hizkuntz ukipenezko kultur egoera diglosiko horrek nola baldintzatzen duen pentsaeren ekoizpena. Ondorioz, ikertu ahal izateko Peeter Tulvisterenak bezalako laguntzak eduki arte itxaron behar izan dugu. Tulviste Luriaren ikaslea eta lankidea izan zen Moskuko Psikologia Fakultateko lehenengo promoziotik (hirurogeiko hamarkadatik, hain zuzen). Ezagutzaren garapenari buruz Uzbekistanen egindako antzerako ikerketak jarraitzerik izan zuen Siberiako Taimurreko Ganasanz herritarren artean, eta duela gutxi arte Estoniako Tartu Unibertsitatean izan dugu irakasle, nahiz eta, era berean, AEBetako Clark Unibertsitateko ikertzaile taldearekin aritu eta, horrexegatik besteak beste, M. Cole eta J. Brumerrekin harremanetan egon den, esaterako. Tartuko Unibertsitatean aspaldidanik kultur semiotikari bu- ruzko ikerketen tradizioa egoteak alde batetik, eta Ganasanztarrekin pasatutako egonaldiek bestetik, eragiten zuten Tulvistengan aurreko sobietar psikologiaren ekarpena gizarte hizkuntzalaritzaren arabera birformulatzea. Horrela, bere ikerketek erabiltzen duten ikuspegi berri honen arabera, egun esan dezakegu kultur eta gizarte hizkuntzen egoerak baldintzatzen duela bertan ekoizten den pentsaera mota. Izan ere, gogamen desberdinak ekoizten direla ez hizkuntzaren eraginez egoera soziolinguistikoaren ondorioz baizik argitu ondoren, argi geratzen da, beraz, pentsamendua sortu, eraiki, garatu eta ekoiztu egiten baldin bada dagoen kulturaren arabera, eta era berean, baldintzagarritzat jotzen den kultura jakin batez jabetzeko bertako egoera soziolinguistikoa nola ekoiztu zein berrekoizten den jakin behar baldin bada, ahal den neurrian, hori bera argitzea eta azaltzea ezinbestekoa daukagunez, kultura hitz horren atzean dagoen kontzeptua zehaztetik abiatzea litzateke oraingo honetan egokiena. Gure hizkuntza zapaldua den neurrian, ukipen egoeraren arabera ez minoritarioa minorizatua baizik, eta hura erabiltzean, hautu linguistikoa egiteaz gain, mundua ulertzeko modu heterogeneoa eta dibergentea ari baldin bagara ekoizten, idazle moduan, Garbiñe Ubedak dioen bezala, “euskararena ez bada, ez dakit zein den gure muina.” Demagun, orain dela ez dakit zenbat urtetik hona lantzen ari garen liburua eskuetatik ateratzean, hurbilketa bat egiten saiatzen garen bakoitzean, lan egiteko gai ez garen bakoitzean, ezer gertatu ez balitz bezala aritzen garela, laguntzarik gabe, alderrai. Orduan, estatu baten beharra dugula iruditzen zait berriro ere, eta nire buruari deitu ohi diot, animo emanez, liburua (e-book edo paperezkoa izanda) salbatzeko. Zuhaitz baten itzalpean irakurtzea ia debekatua dagoenean, polizia taldeak hiriaren espazio publikoaren jabe direnean, poz- pozik imajinatzen dut murrizteak armagintzan izango direla eta kulturan emandako laguntzek ez gaituztela umiliatuko eta zuhurtziagabekerien atzetik ez garela berriro ibiliko. Eta harritu egin naiz, egile, editore eta liburu-saltzaile talde batek idatzi duenarekin, zeintzuek kultur agintariei laguntza eskatzen baitzieten liburuaren sektorearentzat, liburuko ekonomia guztia, hots, argitaletxeak, banatzaileak, saltzaileak eta idazleak elikatzen duten irudia da denak berdinak garela: idazten dugun langileok eta gure patronala diren argitaletxeak, alegia. Horretaz ari naizelarik, ezin dut inola ere onartu ordena ekonomikoari era- bateko menpekotasuna ematen dion gure hizkuntzan idatzitako deiak, bere izateko arrazoia “ustezko denon aferan” aurkitzen duelako eta, berez, horretarako gure hizkuntzaren aldarria liburuen alde egiten baitute sektorea bizi behar duelako esanez aipatu “sektorean” denok berdinak ez garela saihestuz. Hala, literatura eginez, definizio erreakzionarioaz gain, de facto galduta dauden (zeren eta, oraindik, nork uste du literaturak halako boterea duenik gaur egun?) kontakizun handi horiek, mito sortzaile horiek azaltzen dute beren ikuskera ideologikoa, eta modu irekian agerian uzten dute beren ordenarekiko eta agintearekiko konplizitatea. Eta literaturak, eskatzen diguten literaturak, ordena horri eustea besterik ez duenez helburu, behar denari laguntza eske ohi diote subentzio eskatzaileek. Eta testu horien irakurketak haserretu egin nau. Izan ere, oraindik ez badakigu zer den gaur idaztea, oso ondo dakigu, ordea, nola ez den idatzi behar. Ez dut ukatzen, inola ere, idazten duten gehienek duten prekarietate ekonomiko handia. Behin Joxe Azurmendirekin hizketan biok partekatzen genuen sentimendu berberaz aritu ginen, hau da, idazleok, fikzioa idazten bizi direnek, ez gaituztela gu ofizio berekotzat hartzen. Gu, irakasleok, ez omen gara idazleak, beraz, autonomoak ez garen neurrian eta den-dena idazletzari ematen ez diogulako. Beste lan bat badugu eta hori izaten da gure ofizioa, baina ez idazle izatea... horrela, jakina, Gabriel Aresti edo Ramon Saizarbitoria ez lirateke idazle izango, eta Joanmari Irigoien edo Pako Aristi bezalako “autonomoak” bakarrik hartu beharko genituzke aintzat idazletza ofiziorako. Gainera, Tere Irastortzak esaten duenez: “Gure garaian ematen zuen hizkuntzaren borroka narratzaileena zela”, eta, ildo beretik, Castillo Suarezek: “Poema liburuak idazten ditugunoi maiz galdetzen digute noiz idatziko ote dugun eleberri bat, idazle titulua ez baita poemekin bakarrik eskuratzen ahal”. Honen aurrean, berehala atera zen Josu Goikoetxea, poesia liburu bakarra idatzi duenak (Zer luzea negu hau, 2018), adierazteko: “Eskatu nuen, baina ez zidaten poeta karneta etxera bidali”. Idazlea, bada, horretaz bakarrik bizi dena eta fikzio luzeen egilea ei da... saiakerak idazten dituen irakaslea, beraz, ez da usu idazle gisa hartua izan. Koldo Izagirrek, esaterako, idazle izendatu ninduen nik liburu batzuk idatzi eta argitaratu ondoren. Magrittek ez omen zuen pipatzen idazkera literarioaz osatutako nire lehen liburua zela esan nahi zuen, jakina, baina, halere, ez omen zen aski izan... Faustoren itzala narrazio luzea aurkeztu nuenean, Ur Apalategi argitaldariak “eleberria” zela esan zuen, eta nik, harriturik, zergatik esaten ote zuen hori galdetu nionean ihardetsi zidan: “Eleberrigintzan hau bezalako testuak ere kabitzen direlako”... Liburu horren gaztelerazko itzulpenerako Alfonso Sastrek egin zuen hitzaurrean honela zioen, ordea: “Hitzaurre gisa: saiakera bat den eleberria. Liburuaren zati batzuk literatura esperientzia “transgeneriko” horiei irakurriz, beste batzuetan nik saiakela bezala definitu dudana dela irakurgai duguna esan dezakegu. Horrela izan ziren nire zenbait liburu, hala, Lumpen, marjinación y jerigonza —saiakera horretan autorea desagertu egiten da, eta ez dakigu bere buruaz beste egin ote duen— edo Limbus, non irakasle bati erantzun akademikoa ematen zaion baina fikziozko arlotik. Narratiba hauen bidez eraikitzen da fikziozkoa denaren enigma, eta istorio batzuk iristen zaizkigu historiara.” 2018an, Izendegi hutsa izeneko olerki bildumarekin Arabako Foru Aldundiak sustaturiko XXIX. Ernestina de Champourcin poesia lehiaketa irabazi nuen, eta liburu gisa Foru Aldundiak berak argitaratu eta zabaldu zuen... baina Josu Goikoetxeak, bere maneraz edo, bere aldetik, Castillo Suarezek dioenaren arabera,“Poema liburu batek ez zaitu poeta egiten” jakin beharra dago. Baina urte askoan, etxean bakarrik, inork irakurri nahi ez dituen hitzak idazten dituenak, ezertarako balio ez dutenak, nonbait, inori ezer esaten ez diotenak, logika sozial nagusien arabera denbora, dirua, aukerak galaraziko dizkiotenak, badaki idaztea ez dela ohiko beste lan bat. Liburu bat izateko borrokatu denak, eta azoketan leku txiki bat egiteko zortea duenak, oso zorionekoa bada, autore eskubideen aldetik zerbait jasotzen badu, badaki idaztea ez dela beste lanbide bat, ez dela ofizio bat soilik. Bestalde, idazleak ez du hori izatea nahi. Ez du nahi beren idazkiak jan idazketatik jan ahal izateko, badakielako horretarako berak uko egin beharko liokeela bere buruari. Eta lana aldatzen ez badu, lortzen duen irabazi miserablea gorabehera, ez da ustiatutako langileek bezala bizirauteko beharrengatik behartuta dagoelako, horrekin ez baitu bizirik irauteko ere irabazten, baizik eta oraindik ere uste duelako balio bera duen zerbait ari dela defendatzen. Badaki idazteko lan egiteari uko egitea ezin dela, lehenik. Halere, orduak eta egunak igaro beharko ditu bere ordenagailuan. Maizegi onartu beharko ditu lan eskasak, gaizki ordaindutakoak, erretzeko modukoak asmatu beharko ditu, behartuta betiere, baina inoiz ez dira egiten duena baino gehiago izango idazten jarraitu ahal izateko. Gauzen egungo egoeran, ez du espero idazketaz duintasunez bizitzea, eta onartzen dugu hori gertatzen dela, eta ustekabe baten ondorioz baino ez dela hori aldatuko. Ofizioarekin konprometitzea idazle ibilbidea eraikitzea pentsatzen ari direnei dagokienez, serio hartzen duten deliberoa hartuta ere, nekez lortuko dutelakoan nago. Idaztea beti delako mundutik urrun egotea, alde batetik literatura sakraltasun baten inguruan egon nahi baina, bestetik, zenbait hautaturen eremu erreserbatuan sartuta ere (eta bolizko dorreak aspalditik erori dira) praktika horiek, hasteko, posizio bat eskatzen dute, ez bakartzea baizik eta, nola edo hala, dagonaren alde, dela idazteko maneran edota ukitu ezin diren gaiak idazketatik baztertzea, gutxienez. Ez dut errealitate ekonomiko basatia ukatzen, ez dut uste literatura mundutik kanpo dagoenik, kontrakoa gertatzen da baldintza materialak gorabehera, eta, bizitzeko, badakit, baldintza horiek miserableak direla. Baina ez gara gonbidatuak izan behar festa baten hondarrak jateko –eta gure liburuak laburragoak, bortitzagoak, samurragoak izango badira ere, aldi berean, baldintza miserable horien lekuko eta akusatzaile izan behar dute; izan ere, ez dugu aldendu behar, hain zuzen, mundutik, non ondo jokatu behar baita geure eskusartzeko aukera, erosotasun pixka batean bizi eta erretiratu ahal izateko, bizitza aristokratikoari eman gabe edota, alderantziz, gaur egun patetikoa izan daitekeen bizimoduari atxikirik geratzeko. Ez ditugu gure testuak baldintzatu behar inongo gobernuko kultur arduradun jaunaren eskuzabaltasunaren arabera, ezta ez dugun ustezko estatuaren laguntzen mende. Biziraupen ekonomiko minimoko baliabideak guretzat eta besteentzat arautzeko borrokatzen jarraituko dugu, baina ez dugu egile gisa egingo bakarrik. Idazle izateaz gain pertsonak baikara. Ez dugu uste liburu bat idazteak, berez, konpentsazio ekonomikoren bat es- katzeko eskubidea soilik ematen digunik, baina ikuspegi pragmatiko batetik estatuaren diruaren birbanaketa justua aldarrikatu behar badugu, ezin da egin kategoria abstraktu batetik abiatuta —ez baitago baldintza horren batasunik—. Ez ditugu baldintzatu behar, halaber, zenbait enpresaren dirulaguntza zalantzagarriak, lanerako berniz batekin birmargotu nahi baitituzte ere. Kultura ohoratzen dugu. Idazketa, irakurketa, keinuak dira, uneak, produkzioaren denboratik ateratakoak eta borroka uneak aldi berean. Eta idazten jarraitzen badugu, idazten dugunarekin hilabete batean jateko ezer irabazten ez badugu ere, zera uste dut: idaztea ez dela kultura objektu txiki bat sortzea, eta gure testu horiek eraldatu egin dizkiguten testuen eta munduaren balioa, metamorfosian erabiltzen ditugun testuen funtsa horixe baita eta ez, berez, mesedegarriak izatea. Hala eta guztiz, zentzuz jokatzen jarraitzen badugu, uste dut bitarteko bat geratzen zaigula: iruditeria bakar baten inposizioaren aurka borrokatzea, balioaren erreinu absolutuaren aurka borrokatzea, alienatu gabeko komunitate bateko mugimenduen partaide izatea, bizirauteko bideak irekitzea bizitza honetan. Horretarako eta beste gauza batzuetarako idazten dugu, baina ez liburuaren ekonomia elikatzeko soilik. Eta ez dugu uste, gainera, ekonomia hura den bezala, iraunarazi egin behar dugunik. Badakigu testuek bizirik iraungo dutela, badakigu testuak ez direla benetan existitzen testuingurutik kanpo baizik eta gure gorputzetan, gure kontzientzietan, gure memorietan, eta merkatuan baino beste modu zabalago batean mugitu daitezkeela. “Liburuetatik ezin da bizi”, horixe esaten digute. Eta, hala ere, badira liburuen inguruan antolatutako inperio ekonomikoak. Nora doa kapital hori guztia? Bada, supermerkatu kate handien hiriburu osoa dagoen leku berera: edozein tokitara, nekazariarengana izan ezik. Idatzi nahi baduzu, materialki egin nahi baduzu, beste lan bat bilatu behar duzu bizi ahal izateko. Baina itzul gaitezen mundu errealera: biziari eusteko batzen diren lanaldi bukaezinak eta askotariko jardunaldiak bizitzarekin bat joateko bideraezinak dira. Baldintza horietan liburu bat idatzi ahal izango da, gehienez bi, eta gero kapitalismoa nagusituko da berriro ere. Hori gutxi balitz, zenbat eta disidenteagoa izan idazketa, pentsamendua, eta zenbat eta zurrunago izan boterearekin erlazionatzean, nahiz harremanak egin, aliantzak burutu, festetara eta gauza horietara joan, gero eta zailagoa izango da norbaitek gure lan hori babestea, oso beharrezkoa bada ere. Are okerrago, gurea bezala, laguntza handirik gabeko hizkuntzetako kultura ekoizpenaz ari bagara, beste zulo beltz bat. Debaldeko kulturak, ordea, tranpa du, askoz argiago ikusten dena beste edozein industriaz pentsatuz. Supermerkatu kate batek produktu baten prezioa merkeago berrezartzen duenean, ez du eskuragarriago jartzeko egiten. Baina badakigu tranpa hau dela: horretarako, ekoizpena suspertzen du, laborantza estentsiborako eta monopoliorako baliabiderik ez duten tokiko ekoizle txikiak kanporatuz. Eta, praktikan, hondamendietarako metodoak erabiltzen dituzten ekoizle handiei bakarrik laguntzen die. Horixe bera gertatzen da kultura industriarekin. Beste tranpa bat kulturaren eta industriaren arteko nahasketa da. Kultura behar-beharrezko ondasuna da, komunitate bihurtzeko beharrezko elikagaia. Kultura sortzen dugu hitz egiten dugun aldiro, bakarka edo elkartuta, baita konfinamenduan izan den bezain modu gogorrean ere. Kultura sortzen dugu sareetan gauzak sortzen ditugun aldiro, hitzak birsortzen ditugun aldiro, abestiak asmatzen ditugun aldiro edo beste batzuei buelta ematen diegun bakoitzean, dantzatzen dugun bakoitzean, nahiz eta jai batean izan. Gainera, kultura ezinbestekoa da erresistentzia politikoa egiteko, bizi garen hondamendiaren aurkako erresistentzian lagunduko digun pentsamendua artikulatzeko. Baina kultura produktu deritzogun hori, kultura zehazteko moduetako bat, ez da ezerezetik ateratzen, prestatzen ditugun elikagai zehatzak ezerezetik ateratzen ez diren bezala. Lanetik atera eta denbora jasangarria behar dugu kulturan lan egiteko. Kapitalismoak dena gurutzatzen du. Baina pertsonek beren lana ez kobratzea ez da kapitalismoa haustea, indartzea baizik. Badakigu ekonomia hori erortzen bada idazten eta irakurtzen jarraituko dugula. Beste batzuek guk baino lehenago egin zutela, askoz baldintza txarragoetan. Fede txarrez, agian oso apustu txarra dela esango digute. Ez da horrela. Errealismoa da. Nola egin dezakegu amets betidanik zapaldu gaituen sistema batekin? Aspalditik ez dago lekurik merkatu horretan eskritura zorrotz eta erradikaletarako, han saltzen den gehiena makina horrekin dabilen guztia baita, literaturaz mozorratuta. Hala, bada, oraindik beharrezkoa da liburu batzuk idaztea. Badakigu, halaber, badirela, jakina, editoreak, liburu-saltzaileak, lan zapaltzaile honi uko egiten diotenak, saldu ezin diren testuak defendatzen saiatzen direnak, testu zoroak, inbertsioaren itzulerarik gabeak, etekinik gabeak, eta gero eta mehatxatuago daudenak. Sistema editorialak oraindik ere uste zuen maniobra tarte txikia zalantzan jartzen da orain, azken krisitik altxatu behar direlako beste krisi batzuk etorriko direlako oraindik. Orduan, defendatzen jarraitu behar bada, hala eta guztiz ere, oraindik aldrebesa izan daitekeena, erresistentzia hitzak zabaltzen saiatzea eta krisi horren erdian ahots eta idazki disidenteak, merkatuaren diktaduratik kanpo. Gure idazle praktikak berriro asmatzeko aukera bat da hau, esan ohi denez. Liburua objektuaren mundutik ateratzea. Testuak sarean libre zabaltzea. Izan ere, liburua, objektu bukatu, ekoitzi gisa, literatura hitzaren zirkulaziorako modu hegemonikoa baino ez da. Beste aukera batzuengan pentsatu behar da. Edozein tokitan irakurtzen ditugu, edozein unetan, buruz ikasten ditugun testuak, erreproduzitzen ditugunak, ematen ditugun testuak, etengabe zirkularazten ditugunak. Idatz dezagun. Edozein lekutan, nolanahi ere, liburuak gainditzen dituzten ohiko liburuak idaztiz, gure bizitzetan ainguratzen direnak eta itzultzen direnak, ez direnak ez egiantzaren legeez ez merkatukoez arduratzen. Liburuek, egoera ausart batzuen bidez, haietatik atera eta zabaldu behar badira, haiengandik nekez espero daitezkeen berrikuntza onak ekar ditzakete. Horretarako ez zaio inolako eskakizunik egin behar inori. Ez gaitezen gu geu izan gure poliziak, gure literatura agenteak. Beste bide batzuk asmatu behar dira, beste bide batzuk posible direlako, beti izan direlako posible. Izan ere, literaturak, gurea den egoera historiko honetan, seguru asko etorkizunik gabe gauden bitartean, bizitzarako lan egin behar du. Eta hor daude, asmatzeko egiten ditugun literatura praktika berriak, estrategia posibleak eta sarritan, horrelako gauzei buruz galdezka egoten garenean bilera ezezagunetan hitz egiten dugu, eta galtzen den hitza berraurkitzen da, inoiz amaitzen ez den ariketan, edo ez da inoiz berreskuratuko literatura ez baita beste lan bat, baizik eta abian den gerraren armetako bat. Eta ari gara, gure gudari modura, mundu galdu bat salbatzen; aitzitik, bizitzea merezi ez duen mundua suntsi dezagun, liburuaren mundua den bezalakoa birrindu eta eraldatu behar dugun ere berean. Ez da nire kezka bakarrik, Brigitte Vasallok, Louise Chennevièrek, Liliane Giraudonek edo Georges Perecek antzerako gauzak idatzi baitituzte idazletzari buruz. Areago, nik eleberri baten izaera politikoa ez dut soilik edukiari dagokionez onartzen, baizik eta haren formei dagokienez ere bai; izan ere, irakurketa itun bat proposatzen badu, gaiei buruz iristen bazaigu informazioa prozesatzeko modua kontrajartzeko, eta, askotan, akritikoa eta azalekoa izan beharrean, kritikoa bada, nik eleberri politiko hartan sinesten dut, eleberri poetikoa izango baita, batez ere. Nik uste dut poetikoaren eta politikoaren arteko lotura hori badagoela, baina nekez onar dezakegu, literatura garaikidea ezaugarritzen duen estilo gentrifikatu horren biktimak garelako, eta irakurlea aurreikus daitekeen espaziotik ez ateratzearen alde egiten duelako idazteko modu horrek, literatura aisiarekin eta entretenimenduarekin lotuz. Hori, berez, ondo dago, baina literatura hori baino zerbait gehiago izan daiteke eta izan behar du. Sarritan iruditzen zait entretenimendua sakralizatzen dela, ikertzeko gogoa eta arriskurako borondatea nagusi dituen literatura oro baztertzeko. Horregatik uste dut literatura politikoa funtsean eta bere formetan dela munduaren azpian dagoen bortxaz hitz egiteko eta hura irudikatzeko aukeratzen ditugun hitzetan agertzen zaiguna. Hor dago, hala hautatutako gaian nola berau azaltzeko aukeratutako hizkeran, politikaren eta poesiaren arteko lotura. Izan ere, ideiak eta ideologia bereizteak ez du balio, literaturan emozio eta ideia nobleak adierazteko espazio aratz gisa pentsatzeak zentzurik ez duen bezala, ez da politika ere kudeaketarekin soilik lotutako jardueratzat hartu behar. Gertatzen dena da postmodernitatearen etorrerak ideologien estigmatizazioa ekarri zuela, eta herritarrak, zentzu horretan, nahiko modu maltzurrean neutralizatu gintuztela, ideologia hegemoniko eta ikusezin baten boterearen aurrean makurtzeko. Berez, traba egiten duena ez dira idealak, diskurtso nagusiarekin doazenak behintzat, disidentearekin bat egiten dutenak baizik. Eta gertaera politikorako hurbilketa prosaiko hori literaturari dagokionez gertatzen den berbera da. Errealitatea islatzen duen literaturari soilik ematen zaio balioa, literaturak ere errealitatea eraikitzen duela kontuan hartu gabe, eta errealitate horretan esku hartu eta mundu hura alda dezakeela kontuan hartu gabe. Kontua da idealak, ideologiak bezala, politikaren makulak zikinduta daudela hori zerbait txarra balitz bezala, eta ideiak, berriz, ekintzailetzaren epikarekin lotzen dira. Badirudi ideiak azkarrak direnentzat gordeta daudela soilik, haiek aberasten baitira besteen kontura; idealak, berriz, pobreentzat, ergelentzat diren bitartean. Idazten diren testu guztiak une horretako ideia nagusiekin lotuta daude. Eta, gaur, merkatuko legeek markatutako testuinguru batean idatziko dugu, non liburuetan bilatzen den gauza bakarra bakea ematea baita. Oso zaila da dinamika horretatik eta logika horretatik ateratzea. Barneko etika eta epikotasunetik banaezina den literaturara itzuli behar da, non errealitate bihurtuko den “pertsonala politikoa dela” esakunea, baina beti daude katalizatzaile gisa jarduten duten elementuak literatura sorkuntzaren prozesuan. Eta gertuko errealitateari buruzko gogoeta horrek ematen dit idazteko bidea, ankerkeria neoliberal globalaren igoeraren aurrean nuen kezkaren isla izango zen literatura sorrarazi zidan. Hori guztia hor dago abiapuntutzat; gertatzen dena da hastapen horiek modu organikoan eraldatzen joaten direla idazten hasten zarenean, ezusteko lekuetara eramanez, eta hori, agian, gogoeta baten ondorio izan daiteke, hots, idazlan bat urteetan zehar elikatzen ari dela, Kasandra leihoan hartan esan bezala, amaigabe bihurtuz. Suitzako bidean Adinarekin oroitzapenen poltsa bihurtzen ari gara eta bizitza bildu egiten zaigu flashetan. Gogoratzen dut, bada, Genevan lanean nengoela Txalapartak Herioa eta dontzeila Ariel Dorfmanek egindako gidoiaren euskal bertsioa kaleratu zuela (2010), Mikel Soto argitaldaria zelarik. Gau euritsu baten erdian auto matxura konpontzen lagundu dion Miranda doktorea etxera gonbidatzen du Gerardo Escobar abokatuak. Haien arteko elkarrizketa entzuterakoan, bere emazteak, Paulina Salasek, diktadura garaian torturatu zuen medikuaren ahotsa ezagutzen du. Tortura latzen erdian, Shuberten Herioa eta dontzeila koartetoa entzuten zuen sadikoa. Orduan, pistola eskuan, bahitzea erabakitzen du. Epaitu nahi duelako. Gerardok eta ustezko demokraziak agintzen dioten justiziaz ez delako fio eta, begiak begietan, Miranda doktorearen aitorpena entzun nahi duelako. Testu honek berehala erakarri ninduen zeren eta Historia istorioek kontatzen dute. Kasu honetan, esan bezala, Schuberten Herioa eta dontzeila musika entzutean, Paulina gaixotu egin ohi da, torturapean pasaturiko sufrikarioa gogora datorkiolako. Behin, Gerardo, bere senarra, dakarren autotik aipatutako doinua aditzean, torturatzaileetako bat izan omen zenari (Roberto Miranda medikua) antzeman dio, eta, ustez, aspaldiko zorra kitatzeko garaia iritsi dela uste du... Testu honetan oinarriturik, Roman Polanskik 1994an eginiko filmak (Sigourney Weaver, Ben Kingsley eta Stuart Wilson) Death and the Maiden izeneko antzezlana famatu zuen eta, ordutik hona, mundu osoko antzeztokietan ibili da ia berrogeita hamar hizkuntzatara itzulita. Nire itzulpenarekin, berriz, euskaraz ere gozatzeko aukera izango dugu. Literaturak, Historiak helarazi ezin duena adierazten badu, balio digu. Bizipen adiezinak ulergarri bihurtzea litzateke gertuko istorioen funtsa. Literaturako Nobel saridun izan zen Boris Pasternakek “landareak hazten badira ere, inork ezin du belarra hazten ikusi” esaten zuenean, deskripzio zehatzen aldeko hautua ari zen defendatzen literaturan, eta, bere Zhivago Doktorea idatzi zuelarik, gertaera xumeen bidez sovieten iraultzaren berri eman zigun dotore, nahiz eta orduko estalinismoak ez zuen horrela ulertu nahi izan eta eleberriaren zabalkundea debekatu zuen. Eskerrak argitaratzailea zen beste komunista batek (Feltrinelli) zentsura horri muzin egin ziola eta testua kaleratzea erdietsi zuela. Horri zor diogu, besteak beste, egoera iraultzaile batek dakarrenaz behar bezala ohartzeko istorio haien ezaguera. Horren gainean egin zen Hollywooden moduko filma, aldiz, zeharo desberdina da; beste gauza bat da. Izan ere, adibideek hurbildu egiten dizkigute besteen bizierak, iragana orainera ekartzeko gai diren heinean. Eta horretan, Historian zehar, antzerkia biziro egokia izan da. Hura dela bide, antzeztua irudikatzea eta, azkenik, ulertzea ere ahalbidetu ahal izan da mendeetan zehar. Mendekuaz eta amodioaz, gorrotoaz edo liluraz jabetu gara antzeztokian aurkezturik ikusi dugunari esker. Herioa eta dontzeila da horren guztiaren adibide. Muga-mugan sentitutako beste bizipen batzuk bezala, torturatuaren bizilegea helezina izaten da, gehienetan. Istorio xume batek, ordea, erakuts dezake hamaika datuk azaltzerik izan ez dutena... Ariel Dorfmanek idatzitako honek egin duen moduan. Buenos Airesen jaio baina txiletar herritartasuna duen idazle honek mota guztietako testuak eskaini dizkigu. Berdin poesian, antzerkigintzan, eleberriak sortuz edota saiakerak idatziz erakutsi du herri kulturaren ikerlari joria dela. Allenderen gobernuarekin bat egin zuen eta, estatu kolpearen ondorioz, Frantziara hasieran eta AEBetara gero erbesteratu zen. Egun Duke unibertsitatean irakasle dena Sorbonan (Paris IV), Amsterdamen, Kaliforniako Berkeleyn edo Marylandeko unibertsitateetan ere ibilia da irakasle. Giza eskubideen aldeko eragile nekaezinak ez du inoiz errazkeriara jo nahi izan. Baina ia berrogeita hamar hizkuntzatan antzezturiko maisu idazlan hau euskaraz argitaratua izatera iristeko moduak ere badu bere istorioa... Dorfmanek kontatu duena Txilen gertatu zen eta, gure semea hantxe ikasten ari zela, testua haren lagun alemaniar baten bidez (Nina Bust-Bartels) ezagutu ahal izan nuen. Aspaldi ikusia nuen arren Roman Polanskik zuzendutako filma, idazkiak zuen berezko indarrak harrapatu ninduen eta euskarara ekartzea erabaki nuen. Ariel Dorfmanekin jarri nintzen harremanetan, eta hark honela erantzun zidan: “Torturaren aurkako edozein ekimenen alde nago; beraz, antzezlana zuen hizkuntza ederrera eramatearekin bat natorkizu”. Ardura handiz segitzen ditu Dorfmanek bere literatura lanen itzulpenak, zeren berak elebitan argitaratu ohi ditu idazlanak (ingelesez eta espainieraz), nahiz eta, hitz egiteko behinik behin, beste hizkuntza askotan ere gai izan. Baina, jakina denez, literatura dramatikoa antzeztu arte inoiz buruturik ez dagoenez, aktore batzuekin jarri nintzen harremanetan. Horrela, Ramon Agirre, Itziar Ituño eta Asier Sotarekin batera, itzulitako testua onduz joan ginen aurkezteko modura eramateraino. Torturaren Aurkako Taldeak bideratu zuen lehen emanaldia, Azpeitian. Gero Donostia, Sara, Berriozar edota Hernani etorri ziren... eta, azkenean, ni Suitzan nengoela, Txalapartak testua kaleratzeko deliberoa hartu zuen. Euskal Herrian, zoritxarrez, horren ohikoa izaten den torturaren esperientziaz aritu ahal izateko bada, idazki honek munduari itzulia eman behar izan dio euskarara itzulia izateko. Gertukoei, gure seme-alabei kasu, torturatua izatearen eskarmentua behar bezala inoiz azaldu ezin izan diedana, Herioa eta dontzeila antzezlana ikusita edo irakurrita gerturatuko diedalakoan nago. Horrela, beren antzera, beste euskaldun askok, urrunekoak iruditu arren hain hurbil dauden mota honetako istorioetara heltzerik izango dutela uste dut... Hau ere Euskal Herriaren Historiaren zati baita. Argitalpenaren berri eman nioenean egileak, Ariel Dorfmanek berak, honako e-posta helarazi zidan: Amigo: Qué felicidad, saber de esta publicación. Será un placer si transmites el siguiente mensaje mío: Siempre me alegra la publicación de mis obras, pero en este caso no exagero al decir que me satisface en forma particular la aparición de La Muerte y la Doncella en lengua vasca. Esto se debe a mi incesante preocupación por la defensa de la supervivencia y crecimiento de todas las lenguas hermosas y menoscabadas del mundo y mi admiración (por lo poco que sé) del vasco en particular, con sus representantes insignes en la literatura y en las artes. Esta publicación es la segunda de mis obras en aparecer en este idioma que se habla en dos lados de una frontera y en tantos otros lugares del mundo. La primera fue para lectores infantiles, La Rebelión de los Conejos Mágicos; y ahora viene una obra para los padres de esos chicos y chicas, una obra que ojalá sirva para ayudar a los lectores a meditar acerca de temas tan de actualidad en España así como en el resto del mundo, como son los problemas de la justicia y la violencia y la memoria y, especialmente, cuán fácil es que los mejores entre nosotros podemos caer en la trampa de la venganza, cuán necesario es que no olvidemos el pasado para construir el futuro. Agradezco a Fito Rodríguez su traducción y su búsqueda de medios para llevar a cabo la representación teatral plena de esta obra para que mis palabras resuenen en ese idioma que tanto respeto. Un abrazo. Hori irakurtzea hunkigarria izan zen, jakina. Hori zela eta, liburua kaleratu ahala argitaratutako iruzkinean, Leire Lopez Ziluagak, oraingo Susaren argitaldariak, honakoa idatzi zuen: “Diktadura osteko kontuak aipatzen dituen arren, politikak eragindako minarekin zer egin erabaki behar duen edozein jendartetan izan daiteke balio handikoa, eta, beraz, itzulpena une egokian egin dela iruditzen zait, lanen irakurketa ezberdina baita argitaratzeko lekuaren eta garaiaren arabera”. Itzulpenari buruz, ordea, batere ez. Ondo, hori baita edozein itzulpen motari egin dakiokeen kritikarik onena, hau da, itzulpena denik ere ez ohartzea eta, horrela, irakurritako hizkuntzan trabarik gabe jaso eta ulertu ahal izatea. Halere, Usurbilen Herioa eta dontzeila antzezlanaren irakurketa dramatizatua egitera joan ginelarik, ni atzean nengoela ohartzeke, emakume batek esan zion besteari: “Irakurri dut itzulpena Fito Rodriguezek egin duela, eta zalantzan egon naiz etorri edo ez, bere artikuluetatik ez baitut ezer asko ulertzen eta pentsatu dut obra hau ere ez dudala ulertuko...”. Ez dut uste damutu zenik. Genevako alde zaharrean, kale nagusian, J.J. Rousseau zenaren jaiotetxea dago, gaur egun museo eta ikergune bihurtuta. Bastiza haietara egindako hamaika hurbilketetan Rousseauren zenbait testu euskara ekartzea deliberatu nuen. Handik sortu zen Gizakien arteko ezberdintasunaz izeneko liburua (2013). Duela ia 300 urte hasi ziren Rousseauren liburuak erretzen (1762ko ekainaren 19an, Genevan bertan), eta Rousseauk berak orain arte polemika ugarien iturburu izaten segitzen du. Liburu honetan bi testu aurkituko dituzu, irakurle, Jean-Jacques Rousseauk Manuel Ignazio Altunari bere Aitorkizunaken adierazi ziona, alde batetik, eta Gizakien arteko ezberdintasunari buruzko azalpenaren euskarazko bertsioa, bestetik. Ez dira itzulpen kanonikoak, jatorrizko testuetatik neronek euskarara ekarritako bertsio moldatuak baizik, baina, edozein modutara ere, Rousseauren pentsamendura hurbiltzeko aukera ematen digutenak. Jean-Jacques Rousseauk erabili omen zuen lehen aldiz moderno hitza (“gu, modernook” zioen bere garaian) aurreko tradizioarekin aldarrikatzen zuen pentsamendu etena adierazteko. Honen ekarpenak mendebaldar gogamenaren iraultzan suposatu zuenaz jabetzeko gerturatu nahi izan nituen bi testuok. Aitorkizunaken, Altunari idatzitako gutunean Jean-Jacques Rousseauk Euskal Herrira etortzeko dituen gogoak azaltzen dizkio. Rousseau ari zen prestatzen erbesteratzeko bidea, poliziak atzean zituen eta Frantziatik alde egin nahi zuen. Euskal Herrira etortzea aukera bat zen berarentzat eta, hori bideratu ahal izateko, hemengo jendearen aldarte ona bere alde jarri nahi izan zuen. Azkenean, ordea, Hume filosofo eskoziarra lagun, Erresuma Handian erbesteratu zen. Nire Faustoren Itzalan agertzeko moduko testua da Jean- Jacques Rousseauk Manuel Ignazio Altunari idatzitakoa. Beste idazkia, Gizakien arteko ezberdintasunari buruzko azalpena deritzana, euskaratuta zegoen jada ni itzulpen berria prestatzen ari nintzenean. Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratu zuen 2007an. Juan Kruz Igerabidek egindako itzulpena egokia izan arren, J. Rubio Caracedok gehitutako sarrera ez nuen gustuko eta, beraz, bai sarrera baita itzulpen berriak egitea deliberatu nuen. Rousseauren etxetik gertu, kale nagusian bertan, Jorge Luis Borges bizi zen, eta hor dagoen plaka batek hori gogoratzen digu. Genevako idazletzat jotzen dute Borges, eta egia da frantsesez ere idatzi zuela. Haurra zela ingelesezko hezkuntzan hazi zen eta, esaterako, Kixotea lehen aldiz irakurri zuenean ingelesezko bertsio baten bidez irakurri zuen. Antzerakoa gertatu zitzaion F. Pessoari, hark ere ingelesezko heziketa eduki arren, azkenean, bere literatura garatzerako, beste hizkuntza bat hautatu zuela. Borgesek, bere hitzetan, espainiera, eta Pessoak, pertsonak, portugesa. Baina literatura itzulpena egiten dugunean, testu batek eragiten digun txundidura eta mozkortasun sentsazioen itzulpena ere egiten dugu. Proust ere itzuli nuen (Irakurketaz, 2011). 1913 eta 1927 artean frantsesez argitaratutakoari dagozkion zazpi zatien Prousten ingelesezko itzulpena 4.000 orrialde inguru dira, edo milioi eta erdi hitz kasik. Lanak mende erdia baino gehiago hartzen du, 1840tik 1915era, Lehen Mundu Gerran, eta berrehun pertsonaiatik gora ditu. Oro har, Proustek asmatzen duen gizartea 1890eko hamarkadaren hasierakoa da. Ezberdina izaten da Heineren kanta batzuk kantari batentzat itzultzea edo kafkiar eleberri baten itzulpenean lan egitea, baina, nire ikuspuntutik, hizkuntzaren erritmoak beti gainditu behar du gramatika, eta, hizkuntzen ukipenaren egoera berezi harengana apaltasunez gerturatu, ez baita, langintza honetan behintzat, ezer erabat eta betiko buruturik. Literaturari bezainbeste itzulpen literarioari amaigabetasuna dagokio, berez. Itzulpen oro ezbaian dagoelako, zalantzati eta erabakitzeko baita. Halere, badaude zenbait testu, itzulpenarekin, galdu beharrean irabazten dutenak. Zaila da horren arrazoia azaltzea. Agian Turguenievek lagundu dezake pixka bat. Haren ipuinak edertasun kezkagarrikoak baitira; denak batera hartuta, batik bat, zergatik irakurri eta itzuli galderari erantzuteko ezagutu ditudan onenetakoak dira. Shakespeare eta Cervantes maite zituen Turguénievek, eta gizateria guztia Hamleten eta Kixoteen artean banatzen zuen. Falstaffs eta Santxo Pantzak ere badaude eta, haiek, beste hainbeste fikziozko izakiren paradigma bikoitza osatu dute. Ipuin haiek idazteko, nola irakurri zituen Turguénievek Shakespeare eta Cervantes? Itzulita, jakina. Historia betiereko itzulera baita, amaierarik gabeko gurpil zoroa baina arrastoak uzten dituena. Fukuyama erratuta zegoen, Historia bukatu zela iragarri zuenean Grenoblen nengoen ni (Sthendal, bertako semearen izena duen unibertsitatean), eta narrazioaren narrastien lanaz gogoeta egin nuen. Egoera historikoak kontatu ahal izateko erantzukizunaz. Garai hartan, zoritxarrez, Santi Brouard hil zuten bere etxeko pediatria kontsultan, haur bat artatzen ari zela. Franco bederatzi urte aurretiko beste azaroaren 20 batean hil ostean... Badirudi narrastiak edo erreptilioak animalia ornodun amni- otoen klasekoak direla, adarkizko larruazal lehorra dutenak, ezkataz, plakaz edo ezkutuz estalita daudenak. Baina ez naiz narrasti haietaz ariko. Funtsean, narrastien funtsaz idatzi nahi dut. Inoiz, politika, historia, errelatoa eta iritzi hedabideak nahasten direlarik, politikariek omen dauzkaten gertuko kazetariak eta idazlumak aipatu nahi ditut lerro hauetan. Hau da, agintari jakin batzuen ikuspuntutik, eta haien alde betiere, mundua nola eta zergatik den dagoen bezala kontatzen duten haiek hartu nahi ditut hizpide. Urtean zehar agertu ohi diren suge mota hauek, “narrazioaren borroka” irabazi beharra dagoela aitatu ohi digute gau eta egun, tai gabe. Aipatu “narrazioak” Euskal Herrian suertatu denaren borroka politikari buruzko kontakizuna esan nahi du, prefosta. Izan ere, ez baitute inolako antzik Larrainen edo Bergaran aurkeztutako Monzon pastoralaren argumentuak eta EITBk eskainitako El precio de la libertad izeneko filmak, edo Mediasetek ekoitzitako Aranbururen Patria bezalako errelatoak, I. Uribek Burgoseko epaiketaz egindakoak edota A. Merinoren Aitor eta biok dokumentalak, egoera berberaz ari direlarik, esaterako. Franco hil ondoren, psoezialistek 1980ko hamarkadaren hasieran eskuratutako botere politikoak aurretik gertatutakoari buruzko kontakizun berria eskatu zuen. Horrela, sugegorrien habia irekita, “trantsizio politikoa” zeritzana kontatu zuten Pregok eta enparauek... orduko narrastien funtsak gizendutako idazleek. Beraz, A. Gabilondok eta F. Aranburuk, J. Arregik edo R. Jauregik gure herrian gertatu den borroka politikoari buruzko narrazioaren gatazka berenganatu nahi dute eta haren kontakizunaz jabetu. Ez da gauza berria, goian adierazi bezala, duela ez asko antzerako saiakeraren matrakaldia ikusi izan baitugu, baina garatzen ari den narrazioaren borroka berrian, aldiz, gauza bat nabarmentzen da ohiko aldarrikapen honen atzean: orain arteko balizko narrazioak ez duela orain balio, hain zuzen ere. Honezkero argi geratu da, adibidez, Espainiako Konstituzioa aldatzea, posiblea izateaz gain, erraza dela oso. Zergatik nahi izan du espainiar gobernuak, eta bere narrastien funtsa horretan saiatzen da, narrazioaren gudukan irabazi? Badakitelako, jakin ere, Euskal Herriko gatazkaz orain arte erabili ohi duten kontakizunak oraingo parametroen arabera ez duela fitsik balio, eta aldatu (edo egokitu) beharrean daudelako. Beraiek Euskal Herrian zegoen disidentzia oro terrorismotzat jo nahi izan dute. Dena zen ETA beren historietan. Berdin ezker abertzalea, AEK, Gara, Egunkaria, 18/98 sumarioan, Jarrai/Segi gazteen aurkako epaiketetan edota udalen federazioa zen Udal- biltzaren aferan... Auzi politikoa izan dena lege epaiketa bihurtu dute, eta horrela historia ere idatzi nahi izan dute. Giza eskubideak eta adierazpen askatasuna dena zen ETA horretarako erabili zuten, baina, behin ETA desagerturik, giza eskubideek eta adierazpen askatasunak ere bide dute baliorik hegemonikoak diren interesen defentsarako eta ez dira aipatu ere egiten. Ezker abertzalea legez kanpo egon zen garai luzean (dozena bat urte), sortzaile batzuk hasi ginen biltzen kontatzen ez ziren istorioak kontatu ahal izateko eta, besteak bezain garrantzitsuak bederen, sistema literarioak erabili ez zuen moduan azaldu ahal izateko ere. Ahalegin intelektual horretan elkartu ginen, besteak beste, pandemiaren ondorioz Twitterren agertutako Euskal Idazleen Mundialeko eta Idazleen Mundial Alternatiboaren bi irabazleak: Eider Rodriguez eta Uxue Alberdi, eta baita Joxemari Agirretxe, Ramon Agirre, Eñaut Elorrieta, Aitor Gorosabel, Ekai Txapartegi, Asier Sota, Itziar Ituño, neroni eta beste batzuk. Handik eraman genuen plazetara Herioa eta dontzeila antzezlana eta, ondoren, liburua ere kaleratu zen. Idazlari moduan, nire hautua horixe izan da: sistema literarioak ezarri ohi duen idazkeratik kanpo izkiriatzea eta argitaratzea, baita sistema ekonomiko politikoak ezkutatzen dituen gauzei buruz idaztea ere, baina idazle moduan, hots, literatura eginez, alegia. Ezberdina baita prosa zientifikoa, kazetaritzari dagokion idazletza edota literaturak behar duen idazteko manera. Duela ia hogeita hamar urte, Pariseko VIII. Unibertsitatean (Vincennes-St. Denis) “École et cultures minorisées” delako gaia irakasten ari nintzelarik, ikastaroaren ebaluaziorako ikasleek buruturiko “memoria dosierrak” (ikasle bakoitzak ikasturtearen amaieran idatzi beharreko entsegua) erabiltzen hasi nintzen, baina, norberaren estiloaz gain, ebaluatzeko irizpideak ez ziren literarioak akademikoak baizik. Nire bizitzan mota ezberdinetako prentsa kolaborazioak egin baditut ere: Egin, Gara, Berria, Egin eta Info7 Irratietan eta Euskadi Irratian, Euskaldunon Egunkaria-n “Seiko urrea” izeneko zutabea... eta gaur egun Naiz-en blog batean idatzi arren (<https://www.naiz.eus/ es/blogs/kalendak>), haietan guztietan erabili ohi dudan idazkera motak gehiago du kazetaritzatik literaturatik baino. Gizarte eta kultur gaiez ere idatzi ohi dut: Ele, Bat, Tantak, Larrun, Ezpala, Bertsolari, Argia, Isilik, Jakin, Hik Hasi, Uztaro, RIEV, Euskerazaintza... Auñamendi Entziklopedian edota UEUn. Haietan guztietan ez dago modu literarioan idatzitako dokumenturik. Pako Etxeberria EHUko Unibertsitate Hedakuntzarako Errektoreordea zela (1998) Besatari argitaletxean argitaratu nuen Erresistentziaren pentsamendua entsegu filosofikoa da eta ez literarioa. Halaber, Kant: Hezkuntza eta Modernitatea, Jakinekin kaleratutakoa (2005), hezkuntzaren filosofia da eta gutxi du hizkuntzatik edo literaturatik. J.J. Rousseau, Proust, Flaubert, Ph. Soupault, R. Desnos, P. Éluard, Péret, Breton Éluard, R. Char, Sadoul... A. Dorfman, Alfonso Sastre, Juan Mayorga euskaratu eta argitaratu ditut, besteak beste, eta denetan saiatu naiz itzulpenok bakoitzaren berezko estilo literarioari erreparatuz egiten, idazkera politikoa, eskolarra edo esperimentala ezin baitira berdinak izan. Zinemarako ere itzulpenak egin ditut, norberaren estiloari erreparatuz. Todos los días son tuyos (Egun guztiak zureak dira) 2008an estreinatutako film mexikarra da, José Luis Gutiérrez Ariasek zuzendua. Filma egiteko, zuzendaria Euskal Herrian bizitzen jarri zen zenbait hilabetez, eta, haren jarrera estetikoa zela eta, erabaki zuen, ohikoa ez dena, ez zuela euskal talde armatuaren eta Espainiaren arteko harremanari buruzko inongo kondena ikuspegirik hartuko. Istorioa polizia thrillerra da, eta Mexiko Hirian gertatzen da. Eliseo ez da polizia, egunkari zurien argazkilaria baizik, eta bere bizilagun Maria hiltzea egotziko diote. Maria, berriz, euskal immigrantea da, baina ETArekiko loturak ditu Mexikon eta euskal errefuxiatu taldeari sostengatzeko dirua lortzea ere badu xedetzat. Eliseok, ezkutuan, Maria zelatatzea gustuko du, berarekin interesatuta dagoelako: kazetaritza istorioaz gain, berarekin maiteminduta dago. Carvajal polizia mexikarrak eta ilehoriak (GAL moduko polizia espainiarra) euskaldunak aurkitu ditu eta Espainiako gobernuak Europatik emigratutako euskaldunak hiltzeko agenteak bidali ditu. Zuzendari mexikarrari iruditu zitzaion Mexikon ere euskaldunen artean euskaraz hitz egin behar zutela, Espainian inori bururatzen ez zaiona eta, horrela, gidoia nire eskuetara iritsi zen. Joserra Bengoetxea aktore eta lagunak ekarri zidan, eta nik euskaldunen arteko elkarrizketak itzuli nituen. Filma, nire ustez, oso txukuna da. Guillermo Arriagak edo Alejandro Gonzalez Iñarrituk egin zezaketenaren modukoa. Gogoratzen du The Public Eye (1992) zinema beltzeko film estatubatuarra, Howard Franklinek idatzia eta zuzendua, zeinak Weegee argazkilari newyorktarra duen inspirazio iturri zeina, gure Eliseo bezala, hilketa tokietara polizia baino lehenago ere iristen omen zen bere argazkiak egitera. Gure gizartean, aldiz, arazo judizialak politizatu egiten dira, eta politikoak, aldiz, judizialki jazartzeko joera ere izan dute, gizarteak berak gainezka egin duen arte, eta horrela nahastu dira kazetaritza, lan poliziala, historia eta literatura... Baina orain, dagoeneko, ez dago argudiorik, eta argumentu berriak behar dira film, serie eta eleberrietarako, ez bide dago jadanik historia kontatzeko narrazio sinesgarririk, eta haren bila hasi da arrastaka batere arrakastarik gabe narrazio berriaren narrasti zaharra. Izan ere, ez dago gidoia aldatu beharrik. Ez dugu narraskeria behar. Euskal Herrian bizi dugun historia ez da inor gailendu behar, militarren antzera behintzat; aitzitik, politikoki bideratu beharra dago, berez, politikoa baita bertoko afera. Duela urte batzuk, orduko idazleak espainiar ustezko trantsizioari buruz narrazio berriak eskaintzen ari ziren urte haietan, Mario Onaindiarekiko eztabaida publikoa egokitu zitzaidan Ataunen. Mariok hantxe plazaratutako iritzien arabera, Irlanda omen zen adibide gardena politikoki egin behar ez denaz gogoeta egiteko Euskal Herrian. Antzerakoa esan ez, idatzi baizik egin zuen Kepa Aulestiak sasoi hartan. Handik gutxira, ordea, IRAk plazaratutako ekinbideak, politikoki Sinn Feinek eta beste batzuek garatuta, Ipar Irlandaren eta Erresuma Batuaren artean zegoen guduka desblokeatzeko eta bideratzeko balio izan zuen. Ordutik aurrera independentista irlandarrak ez ziren terrorista gisa hartuak izan hedabide britainiarretan, eta hango historia modu berri batez hasi zen kontatzen... Narrazioaren borroka irabazi? Ez. Aski litzateke bakoitzak bere historia zabaldu ahal izateko askatasunik baleuka, adierazpen askatasunik balego... ideologia ez baita biologia. Zer egin zuten intelektual lumadun erreptilio haiek guztiek espainiar jujeek Egunkaria legez kanpo utzi zutenean? Zer esan dute Guardia Zibilak behartutako egunkarien itxiera ilegala eta arrazoi gabekoa izan zela ebatzi ondoren? Politikan, etikaren gizarte ezarpenean, ez da irabazlerik bilatu behar. Kontua denoi aukera berdinak ematea da. Baita kontakizunen idazketan nahiz argitalpenetan ere. Halere, nahiz eta ni askotan itzultzaile gisa aritu, nire lanak beste batzuek itzuli izan badituzte ere eta, kari horretatik, nire beste zenbait lan (saiakera batik bat) itzultzeko nahiz argitaratzeko eskaintza jaso, ez dut beti hori onartu nahi izan, oraingoz istorio eta idazketa mota batzuk euskaraz bakarrik behar ditugulakoan. Sarrionandia lagunak izkiriatu zuen moduan, oraingoz, “euskara da gure territorio libre bakarra” eta. Zuzenbide debekatua Gabriel Arestik 1961ean idatzi zuen Zuzenbide debekatua. “Zuzenbide debekatu” hitz haiekin, Arestik esan nahi zuen Euskal Herriari zuzenbidea, justizia debekatu izan zitzaiola. Euskal Herriak Espainiatik ez duela inoiz aukerarik izan modu justuan tratatua izateko zioen. Gabriel Arestik hori idatzi zuenean, poema luze bat utzi zigun, eta idazki hartan nahasten dira lehen aldiz bere literaturan bertsogintza zaharra, herritarra eta orduko abangoardistak. Lizardi sarirako aurkeztu zuenean, Zarautzen, noski, ez zioten batere saririk eman, tradiziozko idazmoldeak erabili arren mamiz oso aitzindaria zelako, eta poema hori argitaratu gabe geratu zen 1986ra arte. Urte honetan, alegia, 25 urte geroago, Susak kaleratu zuen Arestiren obra, eta hartan lehen aldiz euskara batua avant la lettre ikusten dugu, Euskaltzaindiak berak euskararen batasun bideak eman baino lehenago: hor azaltzen da jadanik euskara estandar bat, batua izango zenaren eredu. Arestiren idazlanak apailatzen aritu zen Karmelo Landa laguna eta, urte batzuk pasa ondoren (2011n), “Arestiren zuzenbide debekatuaren poetika” izeneko hitzaldia ematera gonbidatu ninduen Eako poesia egunetara, “Berban gora iturria” izeneko jardunaldietan parte hartzeko, hain zuzen ere (bideo grabazioa badago). Handik sortu zen Justizia Interditaren Poetika, Utriusque Vasconiaek 2013an argitaratutako nire liburua, zeinari Gertatutakoaren errelatoaz azpititulua jarri nion. Espainian gertatutako ustezko trantsizioa berrikusteko idatzitako saiakera literarioa izan zen. Esan bezala, Gabriel Arestiren Zuzenbide debekatua poema liburua ardatz hartuta, Trantsizioa deitu ohi den garai politikoaren irakurketa pertsonal, poetiko eta kritiko bat egiten saiatu nintzen Justizia Interdita entsegu poetikoan. Liburuaren izenburuan aipatzen den “justizia interdita”, hain justu, aipatu zuzenbide debekatuaren izenordea litzateke. Arestik berak “justizia interdita” erabili zuen zuzenbide debekatuaren sinonimo gisa, Joxe Azurmendiri (Josepe, haren hitzetan) idatzitako gutun batean. Karmelo Landa etorri zen liburuaren aurkezpenera, eta la- gundu zidan nik testu honetan proposatzen dudan kronologia azaltzen. Ezen Trantsizioa 1975ean hasi, Francisco Franco diktadorea hil zenean, eta 1981eko Antonio Tejeroren estatu kolpe saiakerarekin amaitzen dela esan ohi bada ere, beste periodizazio bat proposatzen nuen liburuan, Euskal Herriko ikuspegitik egindakoa. 1960an ia 400 apaiz sartu zituzten kartzelan, eta, horrekin batera, euskal kulturan aurretik ezagutzen ez zen bezalako sekularizazio prozesu bat hasi zen. Horrek ekarriko zuen, adibidez, euskararen sekularizazioa, eta hor dauzkagu, ondorioz, Aresti eta Txillardegi, ETAren sorrera eta hortik aurrera atzeman daitezkeen datu guztiak. Hantxe hasi zen gure “trantsizioa”. Bigarren epeak, aldiz, 1986ra arte garamatzana da, zeinean Charles Pasquak Felipe Gonzalezi esaten dion “Aski da GALekin Frantzian”, Espainia NATOn sartu zen, Espainiako Armada nazioarteko armada batean integratuz, eta Euskal Herriko gatazka hasi zen modu berri batez gizarteratzen. Zuzenbide debekatua, hain zuzen ere, idatzi zen 1961ean eta argitaratu 1986an; beraz, metafora bezala erabili nuen, eta hari moduan liburuko bertso batzuk sartu nituen. Bertsolaritzaren moldeetan bertso doinuetara egokitutako poesia idatzi zuen Arestik Zuzenbide debekatuan. Gabriel Celayak edo Blas de Oterok bezala, Arestik ikusten zuen poesia soziala egin beharra zegoela, eta bertsolaritzaren moldeak hautatu zituen zeregin horretarako. Esan bezala, Genevan lanean egon ondoren, bueltan, Karmelo Landak deitu zidan Eako poesia jardunaldietan parte hartzeko, eta Zuzenbide debekatuaren poetikaz hitz egiteko. Bertsolari talde batekin elkartzen nintzenez, haiei eman nizkien ikusteko Arestiren liburuan azaltzen ziren bertsoak, bertso herritarrak baitziren Arestirenak. Xanti Zabala “Lexo” zenak esan zidan oso bertso onak zirela, baina seguru asko Lizardi Sariko epaimahaia ez zegoela artean prestatuta horretarako. Aresti Trantsizioari aurrea hartuta zegoen, beraz, hura idatzi zuenean. Liburua ez da, beraz, Trantsizioaren kronika bat, Trantsizioko kronikei buruzko kronika literario bat baizik, nire ustez. Kronika mota asko dago Trantsizioaz: Cuéntame izeneko telesaiotik hasi, Manuel Montero historialariarekin segi eta gisakoak, euskaldunen artean Pello Salabururen eta Joseba Arregiren iritziak... Nik haien aurrean esaten dut denak motzak geratzen direla; ez laburrak, motzak baizik, oso luze idatzi arren ez dutela hartzen Euskal Herriaren egoera bere hartan, ez direla gauza hemen suertatu den sekulako Trantsizioa ulertzeko; eta hura da guk ulertu behar dugun Trantsizioa, eta ez Espainiakoa. Nire saiakerak irakurlea gure narrazioa egitera eta gure narrazioa osatzera gonbidatu nahi zuen, eta Karmelo Landaren iritziz “ekarpen ausarta” izan arren, ez zuen inongo erantzunik merezi izan. Euskara gure territorio libre bakarra izango da, baina, askotan, basamortu hutsa ere bai... Kritika arloan, berriz, “saio osatu gabea” izan zela idatzi zuen Mikel Asurmendik (Argia, 2014-01-12), honela: “Trantsizioa aztertua da saio labur honetan. Zenbaitek espainiar demokraziara iraganbidea eredutzat jo zuten. Aldiz, frankismotik demokraziarako aldaketa garaian ez zela behar bezalako justiziarik egin, dio saiogileak. Trantsizioa tabu dela dio ere bai, egungo Espainia ulertzeko ideia adigaitza. Justizia bilatzeko hizkuntza berealdiko lanabestzat jotzen du egileak, poesiara jotzeko beharra aldarrikatzen du. Ordea, trantsizioaz ezer gutxi idatzi da justizia poetikoaren ikuspuntutik, Gabriel Aresti —Zuzenbide debekatua poemari esker— da salbuespen bakarra. Trantsizioa ez ei zen 1975ean hasi, Franco hil eta gero, espainiarrek sinestarazi nahi izan duten bezala. Trantsizioa 1960an hasi zen, ETAren sorrerarekin, Arestik 1961n idatzitako Zuzenbide Debekatua-ren garaian edota Zamorako kartzelan sartu zituzten apaizen erreboltarekin. Hala ere, frankismoa eraitsi zuten belaunaldi haien borrokaren kontakizuna ez da behar bezala idatzi. Amnistiaren bidez irabazi zuten askatasuna, baina justizia egin gabe. Are, zapalduei eta zapaltzaileei justizia bera “ezarri” zitzaien. Frankistak amnistiatu izan ziren, euren krimenak epaituak eta zigortuak izan gabe. Hirurogeita hamar urte joan dira. Artean gauzatu ez den justizia egin behar dugu, baldin eta justiziaren balantza orekatzea lortuko badugu. Egileak trantsizio hura birplanteatu beharra ikusten du, iraganean gertatutakoaren errelatoa eta bizitakoa- ren araberako “kritika edo autokritika politikoa” egin ahal izateko. Saioak egungo garairainoko bidea aztertu du, baina iragan berriko hainbat “gertakari” politikoetan sakondu gabe. Nik “autokritika” antzeman diot eskas saioari, baita bigarren trantsizioa gauzatzeko jarraibideak eskaintzea ere. Saio politikoaz gain soziologikoa egitea eskertuko nioke egileari, arazoa politikatik baino ikuspegi soziokulturaletik aztertzea. Saio honen segidakoaren aiduru geratzen naiz. Goian adierazi bezala, entsegu literarioak proposatzen dituen iradokizun eliptikoak ez bide dituzte ongi ulertzen saiakera politiko soziologikoaren bidez sakontzea eta argitzea eskatzen duenak.” Jakina denez, Franco bezala, ohean hil da “Billy, El niño” deituriko torturatzaile frankista. Franco hil ondoren atxilotu ninduen “Billy, El niño” deitzen genuen polizia beldurgarriak (1976an). Sutan jartzen zen gizona, amnistiaren gaia aipatze hutsarekin. “Zer uste ote genuen”, zioen, “frankismoa bukatzen ari zela edo”..., eta nik, zer esango?, ahalik eta gutxien, noski, zeren, badakizue, “esaten duzun guztia zure kontra erabil daitekeen zerbait bihurtzen da eta”. Halere ez nuen uste nik, urteak pasatu ondoren, guk borrokatutako amnistiaz baliatuko zenik basanimalia, niri bezala beste askori orduan emandako tratuagatik beraren aurka jarritako salaketak gainditzeko. Bueno, Auzitegi Nazionalak zioen oraindik “ikertzen ari zirela” haren basakeriak eta, beraz, ezin zutela atxilotu. Atxilotu zuten, ordea, baina Auzitegi Nazional espainiarrak libre utzi zuen, guk gure garaian borrokatutako eta berak, berriz, hainbeste gorrotatzen zuen amnistia aplikatuta. Baina trantsizioa deitutakoa, ordea, gauzatu zen, bai horixe, eta oro har, frankistak baliatu ahal izan dira guk borrokatutako amnistiaz erabat libre geratzeko. Txantxa gutxi horrekin. Eta horretaz idatz dezaket, eta idazten dut nire Naizeko blogean, argi eta garbi nire aburuz... baina Justizia interdita, nahiz eta “gure Trantsizioa”ren kronologiarako espainiarrak ez diren eta, gehienbat, kultur ardatzen arabera, uler daitezkeen beste epeak proposatu, ez da, berez, entsegu politikoa, literarioa baizik, literatura kritika idazten dutenak hori ikusteko gauza ez izan arren. Antzerakoa gertatu zen Biktimari agurka idazlanarekin (Utriusque Vasconiae, 2012), testu laburrak, bata bestearekin kateatuz, biktimen gaiari heldu nahi izan nioenean literaturatik. “Tweet perfektuak”, hala definitu zituen liburutxo haren aurkezpenera etorritako Antonio Casado da Rocha EHUko irakasle eta poetak Biktimari agurka aforismo liburuko testuak. Casado da Rocharen esanetan, ideiak agerrarazteko aski da testu zehatz eta laburra. Formatu txikiko liburua da, esaldiak argi bereizita, bakoitzak barnean esanahi asko gordetzen dituela erakusteko. EHUko irakaslearen ustez, aforismoak pixkanaka eta talde txikitan aurkeztu behar dira: “Kontuz ibili behar da aforismo betekada hartzearekin. Laburrak direnez, errazak eta arinak ematen dute, baina hitzek pentsamendu mardulak ezkutatzen dituzte”. Aforismoak tradizioaren zati diren arren, garaikideak eta berritzaileak ere egin daitezkeela nabarmendu du Casado da Rochak: “Liburua jolas moduan egindako lana da. Kritikak, paradoxak eta gogo ariketak biltzen ditu”. Biktimen gaiak aforismoak bata bestearekin kateatzen ditu, kontakizunari haria emanez. “Kritika modu umoretsuan eginda dago. Friedrich Nietzschek esan zuen bezala, aforismoak geziak bezala dira, azkar jo behar dute eta gauzen mamiari eman”. Nik, berriz, teknika literario hori erabiliz “biktima” kontzeptua eta haren erabilera erlijioso eta politikoa deseraikitze prozesuan sartu nahi izan nuen: “Hasiera budista dirudi, oinazea eta heriotza protagonista hartuta, egiaren bila doan testua osatuz. Amaieran, itxaropen modukoa nabari da”. Biktimak gizartean, Casado da Rocharen ustez, pil-pilean daude gaur egun: “Krisia gailendu duen gizartean, hitzen ekonomia inoiz baino beharrezkoagoa da”. Jokin Apalategi argitaldari eta idazlearen esanetan, gizarte guztietan uler daitezke nik idatzitako aforismoak: “Biktimak gizarte guztietan daude. Erraz sortzen dira biktimak. Animalia guztietan ankerrena gizakia da; Platonek esan zuen horri aurre egiteko, gizarteak arauak, erreferentziak behar zituela, eta justizia asmatu zuten. Baina gaur egun, oraindik zaila da justizia egitea, zehaztea”. Baina nik ez nuen idatzi gizarte guztietara begira, gurean biktimak nola erabiltzen ari ziren erakusteko baizik. Erlijioak erabilitako martiriak eta Théodore Géricaultek Medusaren almadia, 1818 eta 1819 artean margotutakoa, abiapuntu harturik, baita medusaren burutik ateratako jainkosa gaiztoen bidez ere gizartea engainatzeko ustezko biktimen irudia kolokan jartzeko idatzi nituen nire aforismo haiek. Parisen nengoenean, zenbait gauetan museoetarako sarrerak dohainik eskaintzen zituen hango udalak. Louvren dago zintzilik Le Radeau de la Méduse deitutako maisulan horri begira egon nintzen behin baino gehiagotan, eta bizipen hura zela medio sortu zitzaidan liburutxo hori idazteko burutazioa. Gure gizartean suertatzen ari zen “terrorismoak” eragindako biktimen erabilera politikoaz ohikoa ez zen ikuspuntutik begiratzeko eta modu literarioan adierazteko. Kriptikoegi zelakoan, Xabier Artola idazleari pasatu nion, baita Antonio Casado da Rochari ere. Lehenak testuen aldaketarako pro- posamen batzuk egin zizkidan; bigarrena, horretaz gain, liburua- ren aurkezpenera ere etorri zen. Biekin eskertuta nago, noski. Biek ala biek badakite jakin ondo irakurtzen eta ondo idazten. Antonio Casado da Rocharekin batera “Oihenart” izeneko aforismoen lehiaketa sortu genuen 2011n. “Oihenart Aforismo Lehiaketa”rekin batera, hala Oihenart izan zena nola aforismoen literatura ere aldarrikatu nahi izan genuen. Euskal intelektual laikoa izan zen Arnaud Oihenart zuberotarra. Sinatzeko bere abizena hautatu zuena, eta ez, ohikoa zenez, bere sorterriko etxe- aren izena. Bere seme apeza desjarauntsi zuena. Bistan da bere L ́art poetique frantsesez izkiriatu zuela (XVII. mendean), baina literaturari buruzko bere iritziak ez ziren ezagun bihurtu, 1967an Aita Lafittek haren orduko idazkia kausitu eta Gure Herria aldizkarian kaleratu arte, eta, bai, ordea, bere garaian argitaratutako Euskal atsotitzak eta neurtitzak (Les Proverbes Basques) eta, batik bat, orduko Notitia utriusque Vasconiae. Beraz, frantsesez idazteaz gain, euskaraz eta latinez idatzi zuen. Euskaraz idatzi ahal izateko, gainera, benetako sorkuntza lana egin behar izan zuen ahozko zuberera eta baxenafarrera nahastuz. Bere poesiari buruzko hausnarketetan, olerkietan, hala erriman nola neurkeran, eredu tradizionaletan baino era landuagoetan eman behar zirela nabarmendu zuen. Bada, herri poesiari gaina hartu behar zitzaiola, eta, ezinbestean, inguruko beste hiz- kuntzen moldeetatik ikasi beharra zegoela. Aipatu ikasketarako grina, beraz, nabarmendu beharreko bere beste ezaugarria bat izango litzateke. Ikasketa arautuak eta autodidaxia ongi osatuz, orduko gai desberdinak modu originalez jorratzeko ausardia, trebezia eta prestakuntza erakutsi zituen. Artxibate- gietara jo zuen euskal egitura politikoen historiaren peskizan (izan ere, Gaztelaren menpeko Nafarroako agintariek bertako artxiboetan aritu ahal izatea errefusatu egin zioten, Oihenartek datuok Nafarroaren konkista salatzeko erabiliko zituelakoan...), baina informazioaren bila aritu zen, Pauen, Okzitaniako Tolosan, Baionan, bai eta Pariseko agiri gordailuetan ikertzen ere. Baina idazkiei eta poesia jasoari garrantzia emateaz gain, herri artxibategi ahozkoak nahiz tradiziozko zirtolaritza ere bildu eta aztertu nahi izan zituen. Berari zor zaio, bada, gure poesiari buruzko estreinako gogoeta kritikoa, non ardura estilistikoak lehen aldiz modu moderno batez lantzen diren. Horrezaz, Oihenarten gaztaroko Neurthitzetan izeneko idazkian poesia autobiografikoak aurkitzen dira, zeinetan badauden hitz nahiz aditz berriak, berak propio sortuak. Laburbilduz, Oihenarten ekarpenari gorazarre egin nahi izan genion Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntzaren Zientzietako Fakultatetik haren sorkuntzarako gaitasuna gogoratuz, berak, idazle gisa bereziki maite zuen generoa bide dela, hau da, aforismoak direla medio. Hark XVII. mendean bildutako errefrauak, zuhur hitzak edota atsotitzak, egun genero literario honen aurrekariak izan ziren; gure fakultateak, Donostiako Euskararen Patronatuarekin batera eta antolatutako lehiaketa horren bidez, bultzatzen zituen aforismoak haien oinordekoak besterik ez ziren. Gure fakultatea zenaren, orain izenez aldatu baitute, eta orduko Donostiako Euskararen Patronatuaren artean (honi ere beste izendapena eman diote dagoeneko...) egindako lan hitzarmenaren oinarrian (harrigarria bada ere, EHUren eta Donostiako Udalaren artean dagoen gutxienetako bat) euskararen kalitatea zegoen aldarri. Hau da, bizi garen hizkuntz ukipen egoeran hizkuntza bakoitzaren osasuna neurtu ahal izateko azpimarratzea, kale erabilerak garrantzia eduki arren, norberaren barne atxikimendua ere funtsezkoa dela eta zeregin horretan literaturak, oro har, eta hala poesiak nola aforistikak zehazki, bidea ematen dutela euskaraz sentitzeko eta pentsatzeko, edozein hizkuntza biziberritzeko eta iraunarazteko ezinbestekoa dena. Goian esan bezala, biktimei buruz pentsatzeko eta nire gogamenak partekatzeko aforistika ere hautatu nuen nik, kontuan hartuta, hedabideen erabilera politikoa medio, “terrorismoak” eragindako biktimak soilik direla aintzakotzat hartuak izan direnak, haiek bakarrik. Beste motetakoak, tortura kasuetakoak esaterako, frogaren indarra falta ohi denez, ezin dira kontuan hartuak izan. Baina torturak frogatzea zaila izaten da oso. Tortura frogatzea zailtzen duten polizia arauak aldatzea, ordea, erraza izango litzateke, baina esan daiteke polizia torturatzaileak babestea eta, behar denean, saritzea, errazago egin izan duela gobernuak, demagun, atxilotze-inkomunikazioa ahalbidetzen duen protokoloa bertan behera uztea baino. Hamar eguneko inkomunikazioa igaro ostean kartzelan sartu nindutenean, eta, pasatutakoa pasatuta, ezin esan kartzela gogor egin zitzaidanik. Giltzapeak giltzape, espetxea polizi etxea baino askoz eramangarriagoa izan zen. Hala eta guztiz ere, zenbait egunen buruan, botaka hasi nintzen gauerdian iratzartzen nintzelarik. Ez nengoen eri, baina bai gaizki. Ez nekien zer pentsatu, ez eta zer edota zeini zer esan ere, gau bat bestearen atzean oka eginez esnatzeak eraman ninduen inguruan nituen lagunei ene kasuaz galdetzera, ustean, hori ergelkeria!, nirea gauza arraroa izango zela eta, aldiz, hura harridura hura... lagun gehienei espetxerakoan antzerakoa gertatu zitzaiela adierazi zidaten. “Poliziaetxekoak ari haiz botatzen”, diagnostikatu zuten eskarmentu kolektiboak eman ohi duen herri jakinduriaz, torturen garbiketak dituk, eta hobe kanporatzea barruan eramatea baino... arrapostuz. Esaterik dagoenak mugak ditu, eta egoera bakoitzean botereak esan daitekeenaren ertzak markatzen ohi dituenez, ikasi nuen hori niretzat bakarrik gordetzen, baina hori betiko nahi ez dudanez, banoa neronek ere torturari buruz zerbait botatzera, argi esatera, gizarte gorputzaren gaixotasun horren ondorioak arintzen lagunduko dudalakoan. Hona hemen adierazteko dudana. Gizarte modernoen oinarria izan zen Ilustrazio garaian justizia, mendekua izatearen partez, ikerketa bihurtu zen. Horrela, frogak hartu zuen aurretik aitortzak zuen garrantzia. Erdi Aroko Inkisizioak aitorpenak eskuratzeko erabilitako martirioaren ordez, ustez egindako kalteen araberako arrastoei kasu eginez erdiesten ziren frogek ematen zuten kulpantearen berri. Ez zen, beraz, inork bere buruaren aurka deklaraziorik egin zezan onartzen, erruduntasuna frogetatik zetorrelako ezaguera berria aldarrikatzen zuen gizarte demokratikoan. Argien mendean, jakina, argibideak izan ziren azterketen ezaugarri nagusia, baita polizia zereginetan ere... Aipatu gizarte aldaketan justizia botere eragiletik nahiz legegiletik bereizi zen, eta polizia bera, funtsean, bere menpean hartu zuen. Gobernu demokratikoak ardatz hauetatik garatzen hasi ziren. Hau da, argi esanda, torturaren erabileraren bazterketa ez dator, berez, kondena moral edo etiko batetik, gizarte eraldaketa oso ba- tek eragina baizik. Torturaren partez, beraz, froga lortu beharra zegoen, baina, tortura, berriz, nekez froga daitekeenez... demokrazian ote gauden zalantzazkoa izango da beti benetan torturarik EZ dagoela frogatzerik ez dagoen bitartean. Komunikagaitza denaz aritzeko balio du, besteak beste, literaturak. Adibidez, kontraesan honetara gerturatu zen Ariel Dorfman idazlea bere Herioa eta dontzeila antzezlanaren bidez. Hartan, protagonistak ez daki seguru bere torturatzailearen aurrean ote dagoen, atxiloturik egon zen denboraldia begiak itxita pasatu zuelako, baina, halere, arrastoak baditu, eduki, eta hori saiatuko da argitzen... Tortura kasu honen deskribapenak balio du jakiteko demokrazian bizi ote garen eta, halaber, jaki- teko zalantzazkoa izango dela beti benetan torturarik EZ dagoela esatea. Herioa eta dontzeilaren deskribapenean, ordea, gainerakoetan bezala bestalde, ez da torturatzailearen errua soilik azalduko, torturak berak ezkutatzen dituen funtsezko gizarte ezaugarriak agerian ere utziko ditu (jarrera sexistak, memoria kolektiboarekiko mespretxua, inpunitatea...), benetan dagoen egoera politikoa nabarmenduz (konplizitatea, ustelkeriak...). Zergatik ez ohi dute onartu, bada, torturaren aipamena hemengo hedabideetan? Tortura ematen den tokian gizarte demokratikorik ez dagoela begi bistan uzten duelako, noski. Eta ez hori bakarrik, itaunketa polizialetan torturarik badagoen frogatzea zaila izan arren (gobernuak ongi dakienez...), torturaren erabilera sistematikoak benetan polizia ikerketarik ez dagoela frogatzen duelako. Norberak bere buruaren kontra deklaratzea besterik bilatzen ez duen aitortzak ez baitu balio judizialik, baina, era berean, hori baino ez du egin hemen poliziak euskaldunon kasuotan bederen. Eta frogarik ezean, gizartea ez dela demokratikoa frogatuta geratzen denez, hobe barruan uztea kanporatzea baino... “Torturari buruzko astea” antolatu zen gure Zorroagako Fakultate zaharrean ni atxilotu nindutenean. Nola edo hala lortu nuen niri egindako torturen kontakizuna idatziz ateratzea eta lagunei helaraztea. Nire idazkia euskaraz bidali nuen eta horrela argitaratu zen jardunaldiak gauzatu ondoren argitaratutako liburuan (Tortura y Sociedad. Editorial Revolución, 1982, 265/6 orr. ), nahiz eta, bistan denez, liburua gazteleraz kaleratu zen. Era berean liburuan parte hartu zuten, besteak beste, Fernando Savaterrek, Juanmari Bandresek, Alfonso Sastrek, Begoña Garmendiak, Eva Forestek, Alvaro Reizabalek (orduko nire abokatua izan zena) eta abar luze batek. Jardunaldietara joan zen Pako Etxeberria izeneko mediko forentse eta, ni bezala, unibertsitate irakasle gazte bat ere. Urteak joan, urteak etorri, eta 2016an, Pakok berak deitu zidan esateko Eusko Jaurlaritzaren agindupean tortura kasuak jasotzen ari zela, eta nirea gogoan zuenez joango ote nintzen haren lekukotza ematera... Idazteak balio du, beraz; baietza eman nion, noski, eta ordutik hona, beste hainbeste testigantzarekin batera, nirea bilduta dago ia bost mila kasu jasotzen dituen txostenean. Pakok esan zidan berak markatutako eperako hamar mila kasu metatzea aurreikusten zuela, baina, arrazoi ezberdinengatik, neronek ere gertuko lagunek emandako ezetz borobilak jaso ondoren, Pakok zerrendatutakoak baino askoz gehiago direla jakin badakit, froga beharrik gabe. Zorionez, torturaren aurkako ahalegin honetan beste idazle bat ezagutzeko aukera izan nuen: Eva Forest. Giza eskubideen aldeko borrokan emandakoagatik ezaguna izan arren, oso idazle prestua eta gertuko adiskidea izan zen Eva. Biarritzen Theatre du Vesantek Eva Forest zenari buruzkoa oholtzara eraman zuen, haren Testimonios de lucha y resistencia testuan oinarriturik. Eva, honezkero, klasiko bihurtu da, mugaz gaindiko probintziakeria guztiak garaitzen jakin zuelako. Beraz, klasikoek esan ohi zuten modura, “Ave, Eva” aldarrikatzeko profitatu beharko genuke egindako antzezpen hura. Baina ez agurra enperadoreari adierazten zitzaion zentzu berean; aitzitik, esklabotzaz askatzeko kemena izan zuen Spartacusi bere aldeko gladiadoreek ziotenaren antzera esanda, zeren eta, berak argiturik, arma bat, erabiltzen duen eskuaren arabera, libro egiteko edo menperatzeko tresna ere izan daitekeela irakatsi baitzigun hark ere. Evari buruz Biarritzen egin zuten garai bertsuan (2009an), Emma Goldman, Ameriketako emakume arriskugarrienaren istorioa egokitu eta azaldu ziguten Bilboko Arriagan, bertako ekoizpenaren bidez. Emma anarkistaren irudia landu zuen Howard Zinn idazle iparamerikarrak, emeak eta emazteak izateaz harago, emakumeek denon askapen bidean zer erakusterik bazutela agerrarazteko. Evaren laguna zen Howard Zinn eta, behin, Euskal Herrira etorri zelarik, berarekin biltzeko eta solastatzeko aukera eman zidan. Eva, Emma... ez dira inola ere emakume ikusezinak izan, eta, premiazko bezain ohiko izan den senideen arteko elkartasun pribatuaz gain, haien solidaritatea esparru publikora eramateko adorea izan zuten. Garai bateko euskal profazadak bezala, antzinako jendartean hildakoei doluminak azaltzeko negar zotinka aritzen ziren emakume haien antzera, eremu pribatutik plazara aldatzerakoan, elkartasun baten berri ematerakoan, samina nahiz atsekabea kaleratzearekin batera, denona zen sentiberatasuna ari ziren zabaltzen. Eva, Emma, Antigona biak... haiek bezalako emakumeek, lotsa guztien gainetik eta gizarte debeku guztien azpitik, bestearekiko elkartasun sentimenduak denontzat zirela irakatsi digute. Olentzero dagoenik inor gutxik sinetsi arren, haurren aurrean itxura egitea izaten da ohikoena. Era bertsuan, Emakumearen edo Aitaren egunean planta faltsua egin arren, zerbait ari da irudikatzen hori ospatzen denean. Zer, ordea? Gure gizarte honetan, kontrakoa ematen badu ere, pribatua publikoa dela eta publikoa pribatua, alegia. Mezu hura dateke elkartasuna plazara aterarazten duten emakume denen oinordekotza. Zentzu horretan ere behar dugu antzerkia denontzat. Jadanik hogeita bat urte badira Slavoj Zizek idazle filosofo esloveniarrak The Plages of Fantasies argitaratu zuela, non gizakioi buruzko irudi okerren ikerketa ezagutzera eman zigun. Hau da, edozein ikuskizunetan erakusten dizkiguten gizarte portaerekin batera helarazten diren sentimenduak ikusleak ezinbestean barneratzen dituenez, azalarazten den guztiak ondorio sozialak eduki baditu. Dela telebistan, dela zineman, dela antzerkian, nahita edo nahi ez, ikus-entzulea komunikazio jakin batek osaturik komunit(k)ate baten partaide bilakatzen da halabeharrez. Zizekek aztertutakoaren arabera, komedia ziztrin bat oharkabean ikustean ere, hor agertzen diren gizarte portaerak ari dira barneratzen etsi-etsian. Horregatik, olgetarako izan arren, ezin da edozein ekoizpen kulturalik onartu, eta, aldiz, merezi dutenak aldarrikatu behar dira. Asko baitugu ikasi beharra eta aski alboratu beharra. Howard Zinn idazle ibiltaria zelako ezagutu genuen elkar Euskal Herrian, duela hogeita hamaika urte. Bostongo Unibertsitatean erretreta hartu ondoren, hemengo borroka zuzenean ezagutzera etorri zen. Egia auzoan elkartu ginen, Arrano Elkartean. Alice Walker, Bruce Springsteen, Tim Robbins; Naomi Klein edo Noam Chomskyren adiskide miretsia, laguna zuen hizkuntzalari ospetsua ez bezala, borrokalari baikorra zen, eta, halabeharrez, intelektuala. Hona etorri zenean, Eva Forest burkide, Hiru argitaletxearekin batera kaleratutako bere A People's History of the United States ospetsuaren itzulpena aurkeztu zuen eta, bide batez, Hiru argitaletxeak bildutako hiru saiakeraren edukia (Sediciones 8) ere azaldu zigun. Hau da, Zinnen aburuz, Historiaren irakurketa kritikotik badago ondorioztatzerik herri menperatu eta, oro har, zapaldu guztien itxaropena. Milan Kunderaren esaera, “boterearen kontrako gizakiaren borroka oroimenak ahanzturaren kontra duen borroka bera dela” izan liteke Howard Zinnen agurra. Howard Zinni erretiroa hartzea egokitu zitzaiolarik, ezin izan zen geratu unibertsitatean prestatu zioten omenaldian, manifestazio batera joan behar izan zuelako. Ez da, noski, anekdota hutsa... idazle eredugarri eta historialari honen mezua hori baitzen, orduko borroka hura gainerakoak bezala, ezinbestekoa izateaz gain, irabazteko borroka baitzen. Beraz, Chomsky edota Foucault ikertzaileak ezkorrak izan diren neurri berean izan dugu Howard Zinn intelektual borrokalari baikorra. Horrek ez du esan nahi, ordea, halako jarrera naifa izan duenik. Aitzitik, inperialismoaren indarraz aski jabeturik, bazekien, jakin ere, hauteskundeetan oinarritutako Mendebaldeko demokraziaren bidez soilik hutsaren hurrena eskuratzea dagoela. Hil aurreko bere azken artikulua prentsan, adibidez, Obamaren erretolika eta haren gobernuak eragindako ustezko aldaketak salatzeko izan zen. Baina Zinnek, halaber, AEBetan dagoen herri erresistentzia ezezagunaren berri eman izan digu beti. Haren hitzetan, bada, inperioaren indarra hark erabilitako amarruen parekoa da. Inperialismoak egoera zilegitzeko balizko demokrazia erabiltzen badu ere, ezin ditu bere hutsuneak agerian utzi, ezta bere aurka agertu ohi diren salaketak zabaltzea onartu ere. Horregatik kontrolatu behar ditu kontakizuna, literatura eta historia, hedabideak eta heziketa, injustiziari aurre egitea posiblea izateaz gain, uste baino jarrera zabalagoa dela ezkutarazteko, hain zuzen. Kontatu dut jada anekdota, Howard Zinni erretiroa hartzea egokitu zitzaiolarik, ezin izan zen geratu Unibertsitatean prestatu zioten omenaldian, manifestazio batera joan behar izan zuelako. Ez da anekdota soila... Baina ez da haren jarrera pertsonala edota intelektuala bakarrik gogoratu beharko genukeena, haren idazkerak ere merezi baitu behar bezalako arreta, lau lerro eskasetan, zoritxarrez, ematerik ezinezkoa dena; baina, tira, ez dago soberan hona ekartzea literatura irakurriz idazle eta iraultzaile bihurtu zela. Giro txiroetan hazia, liburutegitik hartutako irakurketez hezi zen. Sacco eta Vanzettiri buruzko biografiak politikaren alde iluna erakutsi zion, eta, testu ideologikoei ekiteaz bat, antzerkirako nahiz saiakera literariorako grina landu zuen. “Hezkuntza iraultzailea egiterik badagoela sinesten dut”, esan zidan, “nire heziketa lekuko, etorkinaren sentimenduetatik hasi nintzen irakurtzen nahiz pentsatzen, eta horrek aldatu ninduen... mundua, bada, historian, teorian edo informazio arloan lan egiteak alda lezake”. Honakoak eta antzerakoak argitaratu nituen Ezpala izeneko aldizkarian, 1999an. Aldizkaria aspaldi itxi behar izan zen, 18/98 sumarioa zela eta. Bildu ginen tokia, Egiako Arrano Elkartea, poliziak miatu, eta bertan zegoenetik nahi zuen guztia eraman zuen. Howard Zinn, Eva Forest bezalako idazle baikor ibiltari hura, hil zitzaigun... ez nuke itxaropenerako aldarterik eduki behar, baina bere idazkiek kontrakoa ihardesten didate, zalantza izpirik gabe. Baita, zenbait pertsonaia literariok erakusten duten modura, bizitzan ibiltzeko ere arrastoa utzi. Elezaharrak dioenez, Suitzak independentzia eskuratu aurretik, Uri eskualdeko Altdorf herrixkako plazaren erdian, aginte habsburgotarren ordezkariak bere kapelua jarrita zeukan herritar denek beraiena haren aurrean ken zezaten agindu zuen. Atzerritar horren agindua lege bihurturik, herriko enparantza zeharkatzen zuten guztiek burua estali gabe zeramaten, hango ehiztari batek izan ezik, zeinak Gilem Tell grazia zuen. Agintariak, Tell izeneko haren jarrera menderakaitzaz ohartarazirik, bere semearen buru gainean ezarritako sagar baten aurka tiro egitera behartu omen zuen, eta baleztariak, balezta bi geziz kargaturik, lehendabizikoaz bete-betean asmatu zuen sagarra bitan bananduz. Ez zuen, beraz, bigarren gezia agintariaren kontra erabili behar izan, bere semea trantze hartatik bizirik irten zen eta; oroz gain, herriko plaza kapela kendu gabe zeharkatuz segitu zuen... honaino Schiller idazle erromantikoak XIX. mendean zabaldutako kondaira. Historiak dioenaren arabera, ordea, 1291ko uztailaren eta agorrilaren artean, Uri, Schwyz eta Unterwalden eskualdee-tako ordezkariak elkartu ziren atzerritar legeriak beren bizitza ez zuela handik aurrera gobernatuko zin egiteko, eta, horrela, egungo Helvetiarren Konfederazioaren hazia hazten hasi zen. Inork ez daki Gilem Tell hura bizi ote zen edota berea goitizenen bat besterik ez ote den, baina bistan dena da, nola edo hala, bertan onartu ez ziren legeei kasu ez egiteagatik dela Suitza gaur dena, Europako estatu bakarra inoiz monarkiarik izan ez duena, eta tokian tokiko herri agintean oinarritutako estatu konfederatua. Hantxe ibili beharra egokitu zait inoiz eta, hala unibertsitate nortasun agiria legeztatzeko nola garraio txartela eskuratzeko, erosketak ordaintzerakoan edota Nazio Batuen Erakundean sartu ahal izateko ere... bere garaian Udalbiltzak emandako EHNA erabili izan dut batere arazorik gabe. Euskal Herrian, ez UPV/EHUn, ez bonobuserako, ezta Eroskin ere onartzen ez ohi dutena arazorik gabe onetsi didate Genevan, Bernan edo Luzernan... eta, huskeria bada ere, haren harira gogoetatxo bat plazaratu nahiko nuke. Jarrera hutsalei buruz hausnartu zuen Hannah Arendtek (Eichmann in Jerusalemm: A Report on the Banality of Evil) zioenez, legea bete baino egiten ez duenak ez duela inoiz pentsatuko gaizki ari denik izugarriak eginda ere. Arendtek, bere ingurukoen aurka, Eichmann judu hiltzaile ikaragarria ez zela batere ankerra defendatu zuen. Hau da, berak agindutakoa besterik ez zuen egin, baita ondo burutu ere... ia milioi bat pertsona kiskalita bazterrean utzita! Hannah Arendtek gaiztakeria hutsala zela uste zuen. Alemaniar gehienek legea bete besterik ez zuten egin, eta bai juduentzat baita gainerakoentzat ere eskubideak murriztuz joan zirenean, legeari men egin zioten. Idazketan, Gilem Tellen antzera, bigarren gezia erabili behar ez izatea espero dut, idatzitakoaren gainetik azalpen gehiegi eman behar ez izatea, alegia. Beraz, nahiz eta Tellena kondaira erromantikoa besterik ez izan, Historiak kanpoko aginduei, auzi honetan, literaturaren kanpotik datozen indarrei kasu ez egiteko borondatea gogoratzen digu. Historian arazo gogoangarriak egon arren, zaila da oso eguneroko lege gaiztoei muzin egiteko behar adinako kontzientzia eta kemena edukitzea. Botere globalak agintzen duen aro arrunt honetan, Gilem Tellen harira, baietz-hariak izatearen ordez ezetz-hariak behar ditugu. Aginte injustuaren aurrean oldartzeko kontzientziadun jendea, arkuaz, baietzaz, lumaz, zintzelaz edota ordenagailuaz. Arrunt eta hutsala denari aurre egiteko pronto. Horregatik hartu nahi izan nuen Spartacus gogoan Kasandra leihoan idatzi nuelarik. Etsipen kaskarin eta ergelaren aurka jotzeko. Irudimen eskasak beti esaten duelako iraultza guztiak gaizki eginak edo txarto bukatzen direla. Robespierreren terrorismoa izan omen zela Frantziako Iraultzaren ondorioa, Stalin Urri Gorriko Matxinadak sortu zuela... hori baino inozokeria handiagorik! Zertarako balio izan zuen boltxebikeen ahaleginak, gulagak asmatzeko ala? Hori zela- eta hasi behar izan zuen Nabokovek idazten, bestela tximeletak harrapatzen pasatuko zuen bizitza guztia. Gizarte aldaketak usteltzeak egundaino ez du lortu hurrengo iraultza eragoztea, hainbat egoeratan aldaketaren premia saihestezina baita. Palestinarrek, esate baterako, iraultzaile bilakatu behar izan dute ezinbestean, edo kurduek... baina horrek ez du Historiarekin zerikusirik, bizitzaren bilakaerarekin baizik. Spartacus bezala... Stanley Kubricken filma gogoratzen dut. Luzea, oso. Kirk Douglas, Laurence Olivier, Tony Curtis, Charles Laughton, Peter Ustinov... eta Jean Simmons, baina pelikularen hastapenetik bertatik Spartacusen ahalegina, errebolta gaizki bukatuko dela adierazi arren, eta mezu bera istorioan zehar etengabe errepikatzen badigute ere, Spartacusek bereari eutsiko ziola garbi dago, esklabo izanik ez baitu beste aukerarik... Beno, hori ez da guztiz horrela, izan ere, pelikulan bertan berau salatu eta salduko duen piratak aukera eskaini omen zion erromatarrek menperaturiko lurraldeetatik ateratzeko... eta Spartacusek, berriz, zalantza izpirik gabe, ezetz biribila eman zion. Horregatik da heroi mitikoa. Erromako inperioa garaitzea ezinezkoa zen... Jakina, eta 1916an Dublingo Posta bulegoari eraso zioten IRAkoek ere jakin bazekiten britainiar inperioaren aurka galduko zutela, seguru. Eta berrogeita hamarretan AEBetako Kongresuaren eta Etxe Zuriaren kontra atentatua egin zuten Puerto Ricoko independentista haiek ere bazekiten egungo inperioa garaitzerik ez zutela izango eta, halere, egin zutelako izan ziren heroiak... Alferrikako ahaleginak izan al dira haiek guztiak? Britainiarrek edo estatubatuarrek horixe bera diote, ez, ordea, Irlandako errepublikanoek eta Puerto Ricoko independentziazaleek, baina, haien antzera, haiek literaturara eta zinemara eraman izan di- diren istorioak dira eta ez Historia bera, esan dezakete sistemaren magalean gizendutako politiko edota intelektual etsituek... Ados. Hala eta guztiz ere, Stanley Kubricken filmaz ari naiz ni orain, eta hantxe, ahaleginaren porrota pairatu ondoren, Spartacusen bikotekidearen jabe bihurtu zen Kraso, Jean Simmonsek antzezturiko emakume esklaboaren jabe, eta Spartacusen haurra ere bereganatu zuen, jaiotzear zegoen haurra... Krasok bere menpean hartu zuen, baina hori ez zen aski izan. Krasok berak maitatua izatea nahi zuelako, hau da, horretan ere, Spartacusi gailendu nahi zitzaion, eta ezin izan zuen hori lortu. Horregatik dugu esklaboen buruzagia heroia, garaitua izan arren ezin izan zutelako ahantzarazi. Eta iraultzaileak Spartacus edo Gillem Tell haien moduko heroi literarioak izaten dira, nahiz eta historialariek edo politikariek etorkizuna edo iragana eskuratu beharraz hitz egiten badigute ere, eta, orain boladan dagoen bezala, etorkizunik ez dagoela edo Historia bukatu dela hedatu nahian badabiltza ere; benetako arazoa da ezkutatu egin nahi dutela jendea eta bizitza nola bilakatzen diren. Heroiek eta iraultzaileek egoeraren aldaketari eusten diote, beraiek nahi bezalako eraldaketa ustelduko dela jakin arren. Sistemaren historialariek edota idazleek, berriz, funtsezko hori nahasi egiten dute, nahita, Historia eta bilakaera, geratzerik ez dagoen gizarte aldaketarako indarra eragotzi nahian. Bestela, zer geratzen zaigu? Antzararen jokua? Zuzentzaile ortografikoak, bistan denez, ez dit jokUa onartu nahi. Badakit, jakin ere, izenburutik hasita, nire idazkiak, bada, ez direla politikoki zuzenak izaten. Eta ez, bereziki, izkiriatutakoa (hara, beste bat!) Xuxenek etengabe gorriz azpimarratzen duelako, ohiko euskal politikan erabiltzen diren zurikeriek gorritu egiten nautenez, honelakoak idazteko premia dudalako baizik. Gizarte-ikertzaileek horrenbeste maite dituzten antinomien partez nominazio (horixe ere gaizki dago, nonbait...) berriak sortzeak edota zaharrak berreskuratzeak hori dakar hain zuzen (edo hain oker...), erabiltzen ditugun hitzen esanahia azaldu beharra, alegia; baina, nago, hizkuntza arruntean (eta politikan hitz jarioa arrunta baino gehiago zarpaila ere bada...) ariketa hura egitea ez litzaigukeela batere gaizki etorriko. Goazen, beraz, Xuxenek eta antropologiak onartu bide duten jokoa eta jolasa ibili beharrean jokua erabiltzera, hau baita aipatu nahi dudan diskurtso politikoaren jukutria adierazteko egokien iruditzen zaidana. Honen antzera, antzara izendatzeko, adibidez, hitz aski desberdinak hartu ohi dituzte gureaz besteko hizkuntza askotan (ganso-oca; goose-gander; jars-loie...) baina, ingelesez, esaterako, honako esaera honetan ebazten dute izendapenen balizko diferentziena: “What is good for the goose is good for the gander”. Hau da, gurera ekarrita, “antzara arrarentzat ona denak antzara emearentzat ona behar du...”, antza; horrela, idazteko aldaera guztiak izaeraz berdinduta geratuko direlakoan. Honako hau hitz jokoa baino gehiago joku hits (jukutria tamalgarria) den neurri berean ari da hitz jario politikoki zuzena hedatzen gure artean, ene aburuz behintzat. Hezkuntza esparruaren birmoldaketak, kasu, hizkuntza ezberbadunaren (berriro Xuxen belarritik tiraka! ; eta berriki, nonbait, onartu du!!.) moldatzea dakar, eta, honela, Euskal Herrian aurrerantzean, irakaskuntza erakunde publikoen betebeharra ez da euskararen ezagutza denontzat bermatzea, hizkuntzen hautua babestea baizik (eta ikastetxeetan edozein hizkuntza mintzatu aurretik, mimoen modura eskolak era mutuan emango bagenitu haurrak zein mintzaira nahiago duen adierazi arte?... ). Bake eta Giza Eskubideen Hezkuntza 2008-2011 planean, adibidez, gatazka berba ez zen bermatu, debekatu egin zen...(ez omen baitago gizarte klase liskarrik, ez genero arazorik, ez eta, noski, nazio borrokarik ere...). Gure politikoki z(u)ezenek, beraz, “ What is good for the goose is good for the gander” uste dute. Bere gobernua “denontzat” dela zabaltzen dute. Baina hitzen erabilera gaiztoak ezin du ezkutatu beren jokabide politikoa baztertzailea dela, berez. Beren ustezko “guztientzako politikak” espainiar sentitzen direnentzat soilik badirela eta, finean, beren politika bera, eskubide zibilen defentsa arrazionalean oinarrituta egon beharrean, gero eta etnikoago bihurtu dela. Honek bi ondorio dakarzkie, nire ustetan: alde batetik, gizartean dauden desberdintasunak ezkutatuz berdindu nahiak faxismoa besterik ez duela ekarri historikoki; eta, bestaldetik, espainiar nazionalismo etnikoarekiko loturak historian zehar inperioaren herriminaz ibili direnekin bat egitera eraman dituela ezinbestean. Euskal idazle batek idatzi zuen moduan, nahiz eta beste esanahi batez, noski, antzararen bidera doaz. Kontuz... Horregatik, ohiko hitzen eta balizko hautazko hizkuntzaren diskurtso politikoki zuzenen aurrean literaturak mintzaira berreraikitzailea erabiltzeko aukera ematen digunez, hizkera literarioa lantzen segitu beharra dago. Suitzatik bueltan, egunerokotasuna Besteek kontatzen ez dutena beste idazmolde batean, horixe eguneroko nire hautu literarioa. Naiz agerkari digitalean dudan blogean hiru urteotan aktualitateari lotuta ondutako mikrosaiakera gisako testuak berridatzi, eta Egunero egun ero liburua osatu nuen 2015ean. Blogetako idazkuntza ez baita kazetaritzarena, ez eta guztiz literarioa ere, nire iritziz behintzat. “Izatekotan, saiakera berriaren idaztankera du ezaugarritzat blogak”, horixe nioen Egunero egun ero liburuaren (Utriusque Vasconiae) aitzinsolasean. Naiz agerkari digitalean elikatzen nuen, eta dudan, Euskal Kalendak blogean, hiru urtetan zehar aktualitateari lotuta osatutako testu gehienak baliatu eta “berridatzi” nituen horretarako. Izan ere, blog bateko eta liburu bateko idazmoldea ez da bera, eta horrekin ez dut esan nahi bata bestea baino hobea denik, bakoitzak bere ezaugarria dauzkala baizik. Donostian aurkeztu nuen, eta agerraldian berriro ere Antonio Casado da Rocha idazle eta lankideak parte hartu zuen; hark nabarmendu zuen euskal letretan ez direla asko blogetako edukiak papereratu dituztenak, eta adibide batzuk jarri zituen: Joxe Aranzabalen Medikuak esan dit minbizia dudala, Markos Zapiainen Talaitik tiroka, Xabier Mendiguren Elizegiren Egunen harian eta Paperjalearen dieta, eta Ana Malagonen Lasai, ez da ezer gertatzen. Ezusteko atsegina hartu omen zuen Casado da Rochak Egunero egun ero irakurtzen: “Umorez josita dago, poesiaz... Ez nuen espero. Istorioz eta historiaz beteta dago”. Ezagutzen ez nuen “Fito bat” ezagutzeko balio izan du, zioen. “Blogak irakurtzerakoan, gainera, alde pertsonal hori interesatzen zait; agian, alde kuxkuxeroa ikusi nahi izan dut blogean. “Kontatzen duenaren arabera, adibez, Gabon gauean zer egiten zuen, horren bezperan zertan eman zuen denbora eta abar...”. Horrela idazteko iradokitzailea behar du izan, gai zehatzetan sartu aurretik, zioen Antoniok. Nik, berriz, saiakeragintza eta blogintza alderatu nituen aitzinsolasean, eta nire buruari galdetzen nion blogak zer ote duen saiakeratik. Nire ustez, saiakera literarioaren idazkuntzak badauzka ezaugarri batzuk, blogen idazmolderako egokiak izan daitezkeenak. Casado da Rochak, bere partez, “blogari zintzoaren hamar manamenduak” zerrendatu zituen. Pentsatzen du, esaterako, “nitasunaren adierazlea” dela, “generoen artean dagoela” baina ez duela ezer frogatu beharrik, formatzailea baino gehiago iradokitzailea izan behar duela”. Michel de Montaigne (1533-1592) saiakera generoaren aitzindaritzat hartzen den idazlearekin gogoratu nintzen nik: “Haren bidez ezagutu dugu saiakera, baina haren lehen idazketak ziren nolabaiteko bere bloga”. Egunero egun eron gogoeta, erreferentzia datu eta metaforek ez dute “ezer berririk ekartzen”, egilearen hitzetan; “berriak, eguneroko normaltasunaz harago” idazgai bihurtzea nuen asmo. Hirurogeita bost testutan. Aurrenekoa, 2012ko ekainaren 20koa, Intxaurrak bildu izenekoa, eta azkenekoa, 2015eko urtarrilaren 12koa, Demokrazia ez da demografia deitutakoa. Eta tartean, Zinemira, Durango berriro dator, Martutene, Txillardegi pianoa jotzen eta Urkullu autonomista domestikatua dira. Oraindik ere bloga elikatzen jarraitzen dut. Mikel Zubimendi Naizeko kidearen aburuz, “ideologia” bazegoen nire testuetan. Jakina. “Eta hori ez da txarra; txarra dena da itsuki alderdikoia izatea” esan zuen. Donostiako Udal Liburutegiko sotoetan aurkeztu genuen Egunero egun ero liburua, eta aipatu nuen blogen kalitate literarioaz polemikatxoren bat sortu zela eta erabaki nuela liburu gisa kaleratzea. Blogak autoikasketa, pentsatzeko idatzi beharra eskatzen duela aitortu nuen, eta Zubimendi, ordea, iritzi sail baten funtzioaz mintzatu zen, ikuspuntua seinalatu eta horizontea sakondu beharraz, irakurleak zeureganatu eta eztabaida probokatzeaz. Argi pentsatzeko gaitasuna, konklusioetara iristeko indarra eta publikoki aurkezteko kuraia aipatu zituen, ideologiaz blai idaztea ona dela eta itsuki alderdikoia izatea, aldiz, okerra dela. Liburuak ez direlako kontakizun hotz eta orekatuak esan zuen, eta, Baudelairek zioen gisara, ez dagoela helburu moralista edo filosofikoei erantzuten dien kritika arrastorik. Aitzitik, liburu jostakina, poetikoa, sentikorra eta sentsibilitateen bultzatzailea zela zioskun. Modu arin, bizkor, aspertzeko ez beste edozertarako prest dagoenaren jarreraz idatzitakoa dela. Casado da Rochak, ostera, “Zu gabe, irakurlerik gabe, ez dago blogik” ihardetsi zuen, bloga ez baita ikerketa, ez hedakuntza, ez monografia, ezta testu didaktikoa ere; edozein kezka gaitzat hartzen baitu, eguneroko kontuetan oinarritzen baita; blogak “dena saiatu, haztatu, probatu egiten du”. Halaber, bloga digresioa da: a priori nora doazen ez dakiten gogoetak, hausnarketa egiteko idatziak, eta ez da bat-batekoa, “diferitua” baizik, baina berezkotasuna dario; ez duela barne koherentziaren beharrik, ezta datu zehatzik ere; idazkiaren bidez sedukzioa baita bere portaera. Aurkezpenean, bada, literaturari buruzko eztabaida sortu zen, eta “Hitzen uberan” ataritik Danele Sarriugartek, etorri arren, ez zuen horretan parte hartu. Bere iritziak plazaratu gabe alde egin zuen. Kazetari moduan zegoen lanean, noski, ez idazle gisa. Nik, ordea, eta egia esanda, ez dakit liburu honi zer-nolako izendapena eman. Ez dakit arra edo emea izango ote zen eskaini nahi izan nuen testu sorta. Ez dakit zer genero literarioz bataiatu. Bistan da ez dela ohiko kazetaritza, ez eta saiakera puru-purua ere. Aski paradoxikoak dira kronologikoki hurrenkeran azaltzen diren testuak. Askotan aipamen literarioz lagunduta, beste batzuetan labur eta zuzenak, gehienetan eztabaidarako idatziak eta beti egunen gurpilean izkiriatuak. Bere liburu famatu batean (El impostor, 2014), Javier Cercasek “memoria historikoa” salatu zuen. Ez, bere ustez, haren erabilera maltzurra, kontzeptua bera baizik. Hau da, historia eta memoria nahastu nahi izatea. Historia ikerketa baita eta memoria, berriz, norberaren oroitzapenak soilik. Horretaz gain, Cercasek dio, memoria kolektiboaz hitz egin nahi izateak aztoramena eta nahasmendua besterik ezin duela ekarri. Ez naiz ni uste horretakoa. Aitzitik, Historiak oroimena behar duela eta oroitzek ikerketaren beharra daukatela uste dut. Behin baino gehiagotan literaturari eman nahi izan zaio oroitzapenaren mintzaira, eta Historiari, aldiz, hemerotekaren datua egotzi diote. Nire liburu honetan kronologikoki agertzen joango ziren idazkiak ez dira kronikak, ez kazetaritza lanak, ezta ohiko saiakera literarioak ere..., horiek denak, “memoria historikoa” bezala, testu paradoxikoak dira, egunen gurpilean euskarri elektronikoetarako izkiriatuak, eta orain, berriz, irakurketa lasairako papereratuak. Antzerako liburua izkiriatu zuen Michel Houellebecq idazle frantziarrak (Interventions, 1998), bere artikuluak bilduz. Argitalpen honek finkatuta utzi nahi zituen gogoeta nahiz erreferentziak, datuak nahiz metaforak, eta ez zuten berez ezer berririk ekartzen, berriak, egunerokotasunaz harago, idazgai bihurtzea baino. Saiakera eroa. Betiereko idazkera egunerokoari eskainiko liburua izan zen. Baina, Javier Cercasek ez bezala, “memoria historikoari” heldu nahi izan nion nik Gontz garaia izeneko saiakera kaleratu nuenean (Utriusque Vasconiae, 2014), iraganak gugan uzten duen arrastoaren jabe bihurtu behar dugulako. Jaiotzez gasteiztarra izanik, 1813ko ekainean, Wellingtonen tropek Gasteizen Napoleonen armadari sekulako jipoia eman zioteneko bigarren mendeurrena oroitzeko ere idatzi nuen liburua, eta, abuztuan, berriz, Donostia suntsitu zutenekoa gaitzat hartu nuen nire liburuetako batean (Ikastolak eta euskal eskolak; Orain, 1996) idatzi nuen bezala, “Gasteizen jaiotako idazle donostiartua” naizelako. Baionan izan ziren oroitze ekitaldi nagusiak; kontuan izan hiria 1814ko apirilaren 27ra arte ez zela errenditu, Napoleonek bakea apirilaren 18an izenpetu bazuen ere. Tokian tokiko gertaera zehatz haietatik harago begiratu eta garai haren ikuspegi panoramikoagoa eskaini nahi izan nuen; aldi berean, garai hura eta gaur egungoa erkatuz. Horrela osatu nuen Gontz garaia saio laburra. Gontz hitzak ‘bisagra’ edo ‘ate erro’ esan nahi du. Izan ere, garai hura bisagra moduko bat izan zen, oraindik guztiz joan ez den eta oraindik guztiz etorri ez den garaiaren arteko denbora bat, paradoxaz betea. Gaur egungoa bezala, alegia; gaur egun ere badugulako aldaketa momentu historiko batean bizi garen irudipena edo susmoa. Hauxe da nire gogoetaren abiapuntu nagusia. Eta aldaketa giro haren eta honen unibertsaltasuna nabarmendu nahian-edo, gogoetari honako galdera ere gehitu nion: zerk lotzen ditu garai hartako eta gaur egungo Donostia, eta Europako “beste puntan” dagoen Bosniako Travnik? Abiapuntua zehaztuta, bidea lotzen eta berehala topo egiten dugu paradoxa handi batekin: Napoleonek Iraultza Frantsesaren indarra baretu eta, are gehiago, antzutu edo galarazi zuen; hala ere, iraultza haren oinarrizko printzipioak esportatu zituen, haren armadako baioneten bitartez (Baionan erabilia izateagatik...), bai, baina, oroz gain, haren Kode Zibilaren bitartez. Liburu hark finkatu zuen legearen aurreko berdintasun printzipioa (Iraultzatik zetorrena), Montesquieuk aldarrikatutako botere banaketa; dibortzio eskubidea, Estatuaren laizismoa... Hau da, kode hura egungo modernitatearen oinarria da. Napoleon ankerra zen, baina argia oso, eta Santa Elenan azkenetan zegoela garbi asko ikusi zuen: “Nire gloria ez da berrogei batailatan garaile atera izana, Waterlooko porrotak garaipen horiek guztiak jendearen memoriatik ezabatuko dituelako; nire benetako aintza Kode Zibilean datza, inork ezabatu ezingo duelako eta betiko iraungo duelako”. Paradoxa nagusi honetatik tiraka, beste batzuk agertzen dira, gereziak balira bezala. Esaterako, hau: Kode hari esker Zuzenbidea gailendu zen, ez derrigorrez eskubideak. Edo beste hau: aurrerakuntza eta askatasuna inposatu egiten dira, baita armen bitartez ere, horrelako aurrerabiderik eta askatasunik behar edo nahi ez dutenei. Izan ere, herri bat inbaditzea, betiere herri horren beraren “hobe beharrez”, ez da gaur egungo asmakizuna. Bestalde, beltzalde?, garai hura inperioena izan zen... britainiarra, otomandarra, austriar-hungariarra, errusiarra... Napoleonek ere inperio bat eratu zuen, egungo Europa batuaren aitzindaria eta, bide batez, III. Reich haren oinarria, baina, berriro paradoxa, haren politikaren ondorioz, batzuetan nahita eta beste batzuetan nahi gabe, nazionalismoak sustatu zituen. Gerra napoleondarrak izan ziren Latinoamerikako herrialdeen independentziaren abiapuntua, bai, baina Europako abertzaletasunetan ere sekulako eragina izan zuten. Gogoratu garai hartakoa dela Joseph Garat lapurtarrak “Fenizia Berria” izeneko euskal estatu bat sortzeko egin zuen proposamena. Europako “beste puntan”, berriz, justu Napoleonen armada Istria, Dalmazia eta Kroazian sartu zenean, inguru haietan zuen itzala galtzen hasi zen inperio otomandarra, austriar-hungariarraren mesedean. Halaber, austriar-hungariarra indartu ahala, Balkanetako erresistentzia abertzalea piztu zen; hori Donostiaren eta Travniken arteko lotura posibleetako bat baino ez da. Kulturan ere garbi ikusten da hura gontz garaia izan zela. Horra Goetheren Fausto, guztiz klasikoa eta, halaber, erromantizismoaren aitzindaria. Frantsesez idatz zezakeen, frantsesa baitzen garai hartako kultura hizkuntza. Alemanez idatzi zuen, ordea. Eta, Goethek bezala, garai hartako sortzaile askok norbere hizkuntza hautatu zuten, baita Euskal Herrian (eta Bosnian) ere. Beethovenengan islatzen dira garai hartako hainbat paradoxa. Hasieran Napoleonen alde paratu zen, korsikarrak Iraultza sendotuko zuelakoan. Laster desengainatu eta kontra jarri zen. Beethovenen idearioa Ilustraziotik zetorren, eta, hala ere, edo beharbada horregatik, haren musikak Alemania piztu berriaren izpiritu abertzalearekin bat egin zuen. Molde klasikoa, izpiritu erromantikoa. Liburuan zehar, garai hartako ertz edo zoko asko argiztatzen saiatu nintzen... eskola nazionalen sorrera, tokian tokiko kulturen garapena kosmopolitismoaren aurrean (sarriegi kosmopaletismoaren aurrean), propaganda politiko modernoaren hastapenak eta beste hamaika kontu. Gero, argiztatutako ertz edo zoko horiek gaur egun nolako isla duten erakusten du. Adibidez: Nazioak sortzen du Estatua edo, Frantzian bezala, Estatuak sortzen du Nazioa? Galdera honek ardaztu dezakeen eztabaida ordukoa da.. Ordukoak dira ere kulturgileak boteretsuen mendeko artisau izatetik artista izatera pasatzea, eta, horrekin batera, lehen intelektualak plazaratzea. Kant ere gogoeta iturri bihurtu behar nuen, jakina. Haren sapere aude (ausart zaitez jakitera) ospetsuaren nolabaiteko interpretazio gaurkotua egiten nuen: erabaki behar duzu ea errealitatearen ikusle huts izan nahi duzun edo errealitatea aldatzeko inplikatu nahi duzun. Arestian esan bezala, Gontz garaia liburu laburra da (ehun orrialde eta piko baino ez du), baina gogoeta egiteko iradokizunez bete nuen, literaturan dena esateak (edo idaztea...) ez baitu merezi. Iraganaren berri ez ezik, iragan horrek gure gizartean utzi duen aztarnaren berri ere eman nahi nuen, irakurleak estimatuko zuelakoan. Ez nuen espero, halere, urte horretan Euskadiko Literatur Saietarako finalista izatea, saiakeragintza sailean. Jose Azurmendik irabazi zuen, noski. Urte batzuk pasatu ondoren, Andoni Olariagaren filosofia tesia eskuratzeko ekitaldian, Joseba Gabilondorekin egin nuen topo eta, ustekabean, honakoa esan zidan: “Nik zure Gontz garaia saiakera irakurri nuen Euskadi Sarirako epaimahaian nengoelako, eta gustatu zitzaidan; baina laburregia zen...” Ziur nago saria Jose Azurmendirentzat zela, hala behar, baina, halere, uste dut saiakera literarioak laburra behar duela izan, berez, eta ez dut uste orrien kantitateak saiakeraren kalitatearekin lotu behar direnik eta, egitekotan, ni laburraren alde egingo nuke. Saiakera: gai baten inguruan peskizan ibili ondoren, baina ohiko erreferentzia akademikorik erabili gabe (ikerketak agerrarazteko erabiltzen diren modukoak behintzat, alboraturik...), baina, halaber, hedakuntzarako testurik sortu nahi izan gabe idatzitakoa. Saiakera, beraz, genero arteko idazkia dugu eta, J. P. Bronckartek, horretaz, honela dio (2011): “Testuek jarduera orokor batzuei buruz hitz egiten dute. Jarduera horietan barietatea mugagabea da, testu bera komunikazio elkarreraginen esparru batean egiten baita, eta elkarreragin horiek askotarikoak dira infinituki; izan ere, jarduera horien izaera aldatu egiten da denborarekin edo gizarte historiarekin. Hori dela-eta, ilusioz jokatzen dugu testuen generoak sailkatzeko proiektu egonkor edo definitu oro, eta komeni da hurbilketa apalago bat egitea, testuek dakartzaten hiru indexatzeak kontuan hartuko dituena: erreferentziako indexazioa, komunikazio indexazioa eta kultura indexazioa...” Saiakera, testu gisa, beraz, genero artekoa bada ere, hura lantzerakoan indexatze gaitasun horien arabera ulertu beharra dago. Horrela, literatura narratiboan esaterako, ipuina eta eleberria eta autofikzioa bereiz daitezkeen moduan, saiakeragintzari dagokionez, egunerokoaren testu laburra, iritzi soltearen idazkia eta entsegua bereiz ditzakegu gure jardunbide literarioan, zeren eta, zerbait izatekotan, genero literarioak imitatzeko izaten diren idatz-eredu didaktikoak besterik ez baitira. Horrela, bada, ez da entsegua hedakuntzarako lan pedagogikoa, ez eta kazetaritza lana ere. Areago, saiakerari dagokion idaztankera, euskal letretan horren modan egon den prentsako izkribuen kontrakoa dela esan beharra dago. Kazetarien testu komunikatibo ulerterrazak eta abar... askotan topikoak helarazten dituzten azalkeriak besterik ez baitira, hala pentsamoldeak nola hizkuntza bera ere pobretzen lagundu besterik egiten ez dutenak. Saiakeraren ekarpen literarioa bezain sintetikoa eta laburra aldiz, estilo horren kontrakoa izango da, erabat. Eta, balizko genero kidetasunekin jarraituz gero, eleberri, aforismo edo elkarrizketa bihurturiko saiakerak badaude ere, ezin esan entseguak osagarri ezberdinak bere hartan biltzen dituenik; aitzitik, elementu guztien sintesia da saiakera, proposamen berria eta laburra, lanaren poderioz gero garatuko den zirriborroa aurrekaria besterik ez dena, non testuak, aipuak eta burutazio solteak desagertzen diren denen artean osaturiko bestelako gauza bat sortuz. Horrela, testuen abiapuntu izaten diren beste testuek, edo esperientziek edota burutazioek aipuetan oinarritutako idazkien bidez garatuz doazen neurrian, aparailu literario berria sortzen dute, saiakera deritzona. Sintetikoa eta laburra, berez. Joxe Azurmendi eta Txillardegi Hauexek izan dira nire idazteko manera lantzeko erreferentziazko maisuak. Joxe Azurmendik Euskadiko Literatur Saria lehen aldiz irabazi zuelarik, honakoa idatzi nuen: “Joxe, filosofo, irakasle edo poeta gisa ezagutu dugu, baina, oroz gain, bere saiakeragile sena da nik gertuen dastatu ahal izan dudana eta, 2010eko Euskadi Literatura Sariaren itzalera, hitz pare bat eskaini nahiko nioke horri, hau da, berarenak irakurtzen gozatu dudanaren gizarteratzeari. Kolakowski (1972) euskaraz kaleratu zuen garaian, Joseba Arregirekin batera idatzita, gaur, nekez uler daitekeen bikotea osatzen zuten orduan biek, baina, Joxek Kolakowski poloniarrarengan jarri nahi izan zuen bere begirada. Ez Kolakowski filosofo edota marxista kritikoarengan, Kolakowski poloniarrarengan baizik, zeren hil arte bere aberria begitik ezin kendurik aritutako idazlea izan zen. Haren aberria, bera hazi zen nazioko kultura baita, eta haren beharra nabarmendu nahi izan zuen Azurmendik bere saiakeretan. Kolakowskik ingelesez idatzi zuen filosofia baina polonieraz narrazioak. Azurmendik alemanez edo espainolez filosofiaz idatzi izan badu ere, poesiak eta saiakerak euskaraz eman dizkigu. Baina ez, ordea, hizkuntza laua, erraza, akademikoa edo didaktikoa erabiliz. Aitzitik, mintzaira joria eta literarioa, askotan gertukoa eta arrunta, besteetan berriz, aldrebesa bezain zaila, baina sortzailea beti. Joxek asko idatzi du, eta asko argitaratu... Bere artikuluek eta liburuek ez diote polemikari ihes egiten, alderantziz, ezbaiaren iturburu izan ohi dira, baina, halere, ez dira errazkeriez josten eta, jostalariak izan arren, ez dira batere irakurterrazak eta irakurri baino gehiago berrirakurri egin behar izaten dira. Frankismoak sustraietatik moztutako euskal kulturaren berreskurapenaren berreskurapenari ekin nahi izan zion orduko modako jite literarioetatik at oso modu originalean. Miranderen pentsamendua eta Schopenhauer, Nietzsche, Spengler, Miranderen pentsamenduari buruzko liburuaz nork eta Mikel Antzak eginiko kritikan (Susa, 1986-04) gure literaturak duen saiakeraren premiaz jarduteaz gain, Azurmendiren laudorioa egin zuen nahiz eta “lanak duen errurik nagusiena: gaiaren antolaketa” dela arrapostu egin. Hala ere, ezin zaio eskatu saiakera literarioari ez didaktismoaren aldeko errazkeriarik ez eta ikerketa akademikoari dagokion zurruntasunik ere, zeren entsegu-egilearen idaztankerak baldintzatu behar baitu adierazteko modua. eta Joxeren estiloa, bere idaztankera, jakina, joria baita. Joxeren kezkak kulturalak izan dira, noski, baina haietaz hausnartzeko bidea hizkuntza izan da, euskara zentzu hertsian. Ez edozein euskara, ordea, euskara literarioa eta, esan daiteke, batua avant la lettre, izan dela bere saiakerak bilakarazteko oinarrizko tresna. Erreferentziak, aldiz, mundutarrak: klasikoak, germanikoak edo euskaldunak nahiz berebiziko estiloan, guztiz pertsonalean, garatuak izan, zeinean, elkarrizketa baten antzera, argudioak eta anekdotak, ekarpen filologiko eta filosofikoak, txirikordatzen doazen artea dirudien korapiloetan. Kezka kultural, linguistiko, literario haietatik aberriaren aldarrikapena datorkio eta, ezinbestean, politikaz aritu beharra. Asko ditugu haren aurka asaldatu diren idazleak, Jon Juaristi, Aurelio Arteta eta enparauak lehenak izanik, baina oihartzun handiko liburuak izan dira eta, liburuak diot zeren gehienak aurretik idatzitako artikulu ezberdinak bildu ostean bilakatu baitziren liburu. Espainolak eta euskaldunak, Azurmendiren liburu ezagunena izango da ziur aski. Horra hor, esaterako, Felipe Juaristik liburua kaleratu zelarik, idatzitakoa (El Diario Vasco, 1993-12-19): “...Doinua, oro har, biktimista, aspaldian ikusten ari garena bezala. Azterketak serioa izan nahi du, bestalde. Ateratzen dituen ondorioak ere bai: Baina iruditzen zait aurreiritzi gehiegirekin eginak direla.. balorazioak eta juzguak jaurtitzen baitizkigu, sarri askotan... esaterako: Euskal estatuaz ari denean, eta herri kontzientzia biltzeko oinarria euskarak izan behar duela dioenean.Testualki: Guk beti esaten eta berresaten dugu, euskal arazoa herri arazoa dela, nazio arazoa dela”. Horixe bera baita Azurmendiren gogamenak eztabaidarako eskaini digun ardatza, eta horretarako eman digu, hain zuzen ere, saiakera sail pila bat... Beraz, Juaristik egin zuena, eztabaidari aurre egin gabe deskalifikatzen (biktimista eta abar deituz...) aritzeak ez du laguntzen haren eskaintza ulertzen. Edozein aztergai hartzen duelarik ere, Joxek ez du ezer frogatu nahi, gaiak ematen duena probatu (dastatu) baizik. Garai batean haztatu esaten zena da bere helburua ez eta, are gutxiago, baloratzen. Ildo horietan eraiki du, bada, Joxe Azurmendik bere idazkien emaria eta haiek dastatzen ez jakitea, euskal literatura maite duen edonorentzat behintzat, penagarria da. Mende berriarekin batera Azurmendik ekarritako uzta dateke, ene aburuz, emankorrena, bai darabilen estiloan eta baita aurretik plazaratutako polemiken atzean egon daitezkeen oinarrietan sakontzeko mo- duetan ere. Alde batetik, Volksgeist- Herri Gogoan, Ilustrazioak Herria nola ulertu zuen ikertuz nazismorako bideak nola ireki ziren azaltzen zaigu, eta bestetik, Espainiaren arimaz horretan euskal abertzaletasunari buruzko ohiko espainiar topikoak aztertzen ditu, hau da, euskal nazionalismoa ildo alemaniarrean fundatzen omen dela, beraz, erromantikoa bezain gainditua izan dela eta hori guztia... Aldiz, frantziar ikuspegiak ezarritako gizarte antolamendua dugula egun mendebaldar zibilizazio garatu osoan onartuena, euskal abertzaletasunak, ustez, deitoratzen omen duena. Azurmendik egiten duen Humbodlten irakurketan, berriz, planteamendu erromantiko hori honela izango litzateke: hizkuntzak nazioa egiten du berak ematen baitu mundua ulertzeko gogamena, pentsaera bat, gizabanakoaz harago doana. Beraz, nazioan nahiz mintzamenean gogo bat badago: Herri Gogoa (Volksgeist) da eta hura izaten da nazioaren funtsa. Baldin eta Herri Gogoaren kontzeptua germaniarren artean bezainbeste frantziar Ilustrazioan badago, Renanengandik aurrera batik bat, XIX. mendeko eta XX.eko pentsamenduan ere aurkitzen dela begi bistakoa da, baita nazismoan edota espainiar pentsamendu politikoan ere (ikus Ortega y Gasset...), baina Azurmendik kontzeptu horien ibilbidea aztertu arren, mintzamenaren eta gogamenaren arteko erlazioen arazoa dago hura baieztatzeko abiapuntuan, herri bat, nazioa, gauza guztien gainetik, kultura dela adierazteko, Azurmendik bere lanean etengabe arrapostu egiten duena, bestalde. Dena den, Joxek gai baten inguruan peskizan dabilela ez ohi du akademizismorik erabiltzen, ez behintzat ikerketa unibertsitarioan erabiltzen diren moduan, baina, halaber, ez du hedakuntzarako testurik sortu nahi... saiakera bezala bere idazkia genero artekoa dugu, ez baita lan pedagogikoa (askotan korapilatsua eta aldrebestua, Mikel Antzari iruditu zitzaion moduan) ez eta kazetaritza lana ere. Areago, Joxeren idazkiak, orain euskal letretan horren modan dauden prentsarako izkribuen kontrakoak direla esango nuke. Kazetarien testuak, ulerterrazak eta horrelakoak, askotan topikoak helarazten dituztenak baino ez dira, hala pentsamoldeak nola hizkuntza bera ere kamusten besterik egiten ez dutenak. Joxeren ekarpen literarioa horren kontrakoa izan da zeren eta, Azurmendik, edozein aztergai hartzen duelarik ere, ez baitu, bere xalotasunean, ezer irakatsi nahi, ikertu baizik, baina, hori bai, Proustek edo Borgesek egingo luketen modura, idazkuntza dela medio. Joxe antidogmatikoa baita, eta hortik Goetheren edo Herderren antzera, arrazionalismoari eta, bide batez, Ilustrazioari nahiz jakobinismoari, egin ohi dizkien kritikak. Ildo horretan bere lanak ez dira erudituentzat idatziak, eta abagunearekin lotzen ditu Euskal Herriko egoeraz iritzia plazaratzeko batere beldurrik gabe. Eta formaz harago, saiakeran hain erabilia den norberak bere buruarekin elkarrizketa egiteko teknika eta ohiko ikuspegiak eta gizarte balioak kolokan jartzeko testu ausartak utzi dizkigu, baita oinarrituak ere. Eztabaidarako sortuak, nahiz eta batzuk, Felipe Juaristik erakutsi zigun bezala (El Diario Vasco, 1993-12-19), polemikari heldu nahi ez izan. Baina Joxeren joera, edozein kezka gaitzat hartzea da, bere eskarmentuetatik abian jarri eta garatzen hastea. Gogoeta egin ahal izateko idaztea eta ohikoa ez denari erreparatzea, begiratzea, kasu egitea... horretaz izkiriatzea. Arruntak diren egoeretatik irten eta egunerokotasunak sortu ezin dituen polemikei ekitea. Nihilismotik at baina erlatibismoan beti. Saiogile guztien erara kritiko bezain sortzailea dugu, iritziak eskaintzen dituena; baina osatzeke dauden iritziak, betiere irakurlearen zain. Haren izkribuei berezkotasunaren jarioa darie. Soila bezain sotila dugu. Hark utzitako entseguak, hausnarketa bideak, ikerketak, idazkuntzak, antzerkiaren edo poesiaren antzera, irakurlerik gabe ezin esan burututa daudenik; horregatik, egin diezaiokegun omenaldirik onena, haiek irakurtzea litzateke.“ Edo, esatera ausartuko nintzateke orain, hark egiten duen modura idazten saiatzea. Dena den, Joxe Azurmendiren lanak ez ziren izan direnak izango bere bidean eta bere garaian Txillardegirekin topo egin izan ez balu. Ez dut hori nik esaten, Joxek berak baizik. Jose Luis Alvarez Enparantza zena hil zenean (2012), halaxe kontatu zidan Joxek gure fakultatean, eta bere iritzi hura bideoz grabatu genuen egunen batean Txillardegiri buruz behar bezalako dokumentala egiterakoan Joxeren testigantza azal dadin. Dagoeneko Kote Camachok irudi haietariko batzuk 21. Korrika kulturalaren bidez plazaratutako bere Txillardegiren klika filmerako erabili arren (2019), beste elkarrizketa asko geratzen dira euskal kulturaren bi erraldoi hauen arteko harremanak erkatzeko eta ezagutarazteko. Jose Luis Alvarez Enparantza zena hil zenean “Txillardegi” liburuxka kaleratu nuen nik (2012an), haren ekarpenetara hurbiltzeko saiakera lana. Sei ataletan banatu nituen Erein argitaletxearekin kaleratutako testuan. Aurkezpenean “Liburu hau ez nuen idatzi nahi” esanez hasi nintzen eta, liburuaren azalean ere, hitz horiexek ageri dira. “Ez nuen idatzi nahi, ez bainuen uste, besteak beste, Txillardegiren emaria liburutto batean kabitzen zenik”. Azkenean, ordea, Erein argitaletxeko Haran bildumaren zuzendari Antxon Lafontek konbentzitu ninduen idazteko. Nik kazetari bat edo beste gomendatu nizkion Lafonti, baina nik neronek egin behar nuela esan zidan eta errenditu egin nintzen horren aurrean. Ez naiz kazetaria baina, azkenean, pentsatu nuen Euskal Herriak zor bat zuela Txillardegirekiko, eta hortaz idatzi nuen lehenengo hurbilketa hura. Helburua urtarrilean zendu zen hizkuntzalari, euskaltzale, idazle eta militante historikoaren inguruan jakin-mina sortzea zen eserialdi bateko irakurketa batean, Txillardegiren obra ezagutzeko gida baino, bere ekarpenaren zertzeladak eta haiek nondik nora etorritakoak izan diren ulertzeko anekdotak ere bildu nituen. Ez nuen nahi oinarrizko ezer egitea, ezta haren lanen laburpen bat... hurbilpen bat bakarrik nahi nuen gauzatu. Ziur aski, gauza gehiago etorriko dira hemendik aurrera, esan nuen orduan, eta halaxe izan da Jakinek egindako lan eskergari esker. Sei ataletan banatu nuen liburua hogei bat urtez Txillardegirekin lanean aritu ondoren: “Euskara batua, euskaldunon batasunaren oinarria”; “Hizkuntzaren estatusaren aldarrikapena”; “Politikaren bidea”; “Literatura”; “Saiakera”; eta “Txillardegi, aberkide intelektuala”. Hizkuntzaren corpusarekin hasita, bistan da Txillardegi funtsezkoa izan dela euskara batuari buruz egin zuen ekarpenagatik. Baina corpusaren gainean, badago hizkuntzaren estatusaren bere aldarrikapena eta borroka. Eta horrek ekarri zuen politikoki estatu independente baten aldeko joera, hau da, aldarrikapen politikoa, euskararentzako legedia bat eta antolaketa berezi bat. Horrek eramaten gaitu zuzenean bere literaturara, bere saiakeragintzara, non oinarri-oinarrian dagoen aberriaren kontzeptu bat, nazio kontzeptu bat, eta horren bidetik egindako beste ekarpen guztiak. Nire liburutxo hori, beraz, hasiera baino ez izan, ondoren etorritako guztien esperoan lehenengoa, zeren, funtsean, idazten zuenean, Txillardegi entsegugile bat zen; eta hala landu nahi izan nuen. Antiguako euskaltzale ezagunaren sormen lanaren zati bat bildu nuen, bakarrik lagun handia nuelako eta bere estilo literarioarekin zorretan nengoelako. Ez dut uste, bada, liburuak ezer agortzen zuenik, eta ez dut uste ezertarako ardatza edo eskema denik ere. Gerturatze bat izan zen, besterik gabe, eta Euskal Idazleen Elkartearen Aldizkarian (Hegats, 49.) Txillardegiren ekarpen literarioari ale monografiko bat eskaini genionez aski osaturik geratu zena. Hori zela-eta, bera zendu zenean Donostiako idazleak bildu ginen, eta Viktoria Eugeniako Sotoan lehenengo hiru liburuen irakurtaldi publikoa egin genuen. Nire ustez, Txillardegik asko du emateko, idatzitakoaz ere bai. Horretarako, azterketa asko egiten ari dira hainbat idazle. Ikerketen artean, nirea, denboran, lehena izan da, baina ziur aski pobreena izango da, hain zuzen ere, lehena izan zelako eta horretan datza bere balioa. Txillardegiren lanean badaude itzulpenak, ipuinak, ekarpen akademiko interesgarriak..., baina, niretzat, funtsean, idazten zuenean, Txillardegi entsegugile bat zen; eta hala landu izan dut. Azkar egin behar izan nuen liburu hori, bai... azkar; baina, 20 urtez ibili nintzenez lanean berarekin, asko ikusi eta bizi izan dugu bion artean. Orduan, gauza asko nituen nolabait erdi idatzita. Elkarren artean izandako esperientzia horiek guztiak nola islatu paperean? Nik gehienbat saiakera aztertu dut eta aztertuko dut, hori baita nire alorra eta, horrekin batera, Azurmendiren kasuan bezala, aberriaren kontzeptua. Izan ere, Txillardegik oso argi baitzuen zein zen bere aberria, eta horrekiko bere konpromiso intelektuala erabatekoa izan zen. Haran sailaren funtsa zen, irakurketa moduak aldatu direla ikusita, gauzak egun sarean edo aldizkarietan ageri baitira, liburuak paperean ere gero eta txikiagoak izaten dira; beraz, horrekin bat doan irakurketarako liburuak eskaini nahi genituen. Pentsatu genuen, Txillardegi liburua bezala, eskaintza hori egin behar zela. Hau da, irakurzaletasuna bultzatzeko aukera eman behar zela, gauza laburrak, hurbilketa baliagarria eskaintzeko. Horretarako sortu zen Haran sorta, eta Txillardegiri buruz egin nuen liburuxka, saiakerak laburra behar baitu izan. Denok, Euskal Herri osoa, zorretan gaude Txillardegirekin. Ez gara konturatu ere egiten zer zen, adibidez, hizkuntza literarioa behar bezala bateratua ez izatea. Txillardegi erbestera zihoala, Baionako idazkaritzan bildu zituen aditz mota guztietako hiztunak, eta beraiek proposatu zuten 1964an lehenengo eredua aditzaren batasunerako. Orduan, baina, bere ekarpen espezializatua ez zen aintzakotzat hartu izan, harik eta Arantzazun lau urte beranduago Mitxelenak bere egin arte. Egun, aldiz, ahozko euskararen batasuna ere, Txillardegik proposatu zuena inork ere ez dio horretan oraingoz kasurik egin, Euskaltzaindiak ere ez du hori behar bezala jorratu... Aitzindaria izan da, sekulako intelektuala, idazle eredugarria eta, finean, senezko entsegugilea. Elsa Scheelen lehen testua 1969. urtean eman zuen argitara Hendaian behartuta bizi zen Jose Luis Alvarez Enparantza idazleak, nahiz eta kaleratu aurretik “Domingo Agirre” izeneko literatura lehiaketan garaile suertatu zen (1968an). Txillardegiren hirugarren nobela izan zen. Protagonista, Elsa, euskal literaturaren benetako lehen emakume edo hezur-mamizko lehen emakumetzat hartua izan da. Hona hemen aipatu bertsio horren pasarte bat (euskara batua ere sortu aurretiko testua berau): Irratia anartean berriak ematen hasia zan: “...Viet Nam’en ikaragarrizko inkontrua gertatu da atzo Mekong’eko ibaiartean: 382 vietnamdar gertatu dira hillik; eta, beste aldetik, 17 amerikar. Orain arte ez zan horrelako hilkintzarik ikusi Viet Nam’en egun bakar batean; eta, jakin danez... Inperialismoa, Vietnamgo gerratea, laizismoa, dibortzioa, sexua, suizidioa, orduan boladan zeuden apaiz langileak eta, batez ere, klase borroka existentzialaren aipamena agertzen dira lehenbizikoz euskal narrazio luze batean. Gaur egun, bada, orduko orriak berriz irakurrita, baturantz doan euskara batuaren aurreko idazkera sumatzeaz gain, idazkuntza erabat garaikidea antzematen diogu testu osoari. Txillardegik 1961ean alde egin zuen espainiar estatutik haren hirugarren atxiloketaren ondoren, eta, hori zela kausa, Belgikan idatzi zuen eleberria, 1967an aurretik berak fundaturiko ETA erakundea utzi eta gero. Idazlearen antzera, Elsa Scheelen bakar bakarrik sentitzen da munduan, eta sentimendu hori agerrarazteko izkiriatu bide zuen Txillardegik eleberria. Hizkuntzalaritzaren historiatik begiraturik, Elsa Scheelenen Baionako 1964ko euskarari buruzko proposamenei antzematen zaizkie Txillardegik idatzitako narrazioan. “Kriseilu” sailean Lur argitaletxeak zabaldu zuen liburua, baina kritika gogorrak eskuratu zituen orduan, eta, ondorioz, egilearen hitzetan, nobelagintza uztea erabaki zuen. Euskal letrek ia hogei urte itxaron behar izan zuten Txillardegiren hurrengo eleberria agertu arte (Exkixu, 1989). Halere, aipatu nobela haiek ez ziren nobelak, puri-purian behintzat, eta saiakeratik ere asko zuten. Txillardegiren bigarren nobela izan zen Peru Leartzakori eginiko kritikan (Egan, 1960), Mitxelenak zioen: “ni ez naiz aurrerazale atzerazale baizik...” eta, bide batez, testuaren proposamenei begira, edukiari alegia, luzatu zizkien bere juzgu negatiboak. Horretan Mitxelenak bi arazo zituen: alde batetik, oso antzerakoa zen Leturiaren egunkaria ezkutua (1957) izenburuko Txillardegiren lehen eleberriaren hitzaurrea Mitxelenak berak idatzi zuela, oso modu positiboan eta, beraz, Egan-en argitaratutako kritika zorrotz honetan bi protagonisten artean (Leturia eta Peru) zeuden aldeak argitu behar zizkion irakurle arruntari, azaltzeko zergatik 1957an Leturiaren alde zegoen eta 1960an, berriz, oso antzerako ematen zuen Peru horren aurka idazten zuen... baina Mitxelena saiatu zen eta, ondorioz, bere kritikaren funtsak, literarioa baino gehiago zentsura zirudien; bestaldetik, eta horretan gehiegi ez nabarmentzeko agian, erabilitako hizkuntza hartu zuen hizpide haren kontra jotzeko: “Txillardegiren euskara ez da, nere ustez, hutsik gabea...”. Bide hori izango da, beraz, hortik aurrera Elsa Scheelen kritikatzeko erabilitako formula. Bistan da orduko euskal inteligentziak (apaizak, gehienak) ezin zuela Elsa Scheelen eleberriaren edukia onartu, baina, halere, haren idazkuntza kritikatuko dute gehien. Horrela, adibidez, Gotzon Garatek (Jakin, 1979): “Txillardegiren euskarari ohartxo batzu egitera mugatuko naiz, nahiko akats aurki daiteke Elsa Scheelen eleberrian. Gogoeta ilunetan Txillardegiren euskara bikainki dirdiratzen den bezala, eguneroko euskaran, gauzarik erraxenak esan behar diren unetan, orduantxe hain zuzen ere, irristatzen da eta laprastatzen, esaterako, Elsa sukaldera abiatu zan ur baso bat edatera...”; eta abar. Ibon Sarasolak, bere aldetik, Elsa Scheelen elaberriaren egiturari luzatu zizkion bere kritikak (Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza, 1972 ), baina, hala eta guztiz ere, ezin da ukatu testu horrek euskal literaturaren esparrua astindu eta irauli zuela duela mende erdi bat. Denboraren poderioz, hala edukiaz nola idazkuntzaz ere, Elsa Scheelen testuak hartu du bere tokia. Ander Iturriotzek eginiko iruzkinean (“Elsa Scheelen” eta genero gatazka; Hegats, 49; 2010), aurreko kritika negatibo guztiak ezabatu zituen (edo saiatu zen behinik behin) eta neronek ere aipatu aldizkariaren ale bertsuan Txillardegik, eta Elsa Scheelen eleberriak zehazki, euskal literaturari egindako ekarpenaren munta azaltzen ahalegindu nintzen. Horra: “Txillardegiren testu literario guztiek gertuko hizkuntza bezainbeste distantziazko ikuspegia eskatzen dute, errealitateaz jabetu ahal izateko, errealitatearekin hausteko eta, finean, errealitatearen balizko ereduak antzemateko... Hizkuntza pertsonal hori estiloa da, eta ezin da estiloa irakatsi, baina norberaren adierazpideak askatzen saiatu bai. Hori da erronka eta bide literario bakarra.” Horixe idatzi nuen Txillardegi hil aurretik. Orain, bera zendu eta urteak pasatu ondoren, berriro diot: Txillardegik zekarren estilo literario berria ez zen aintzakotzat hartua izan Elsa Scheelen-en garaian, baina gure sasoi hauetan, aldiz, behar bezala dastatzerik eduki badugu. Fikzioaren arloan, sortzailea izanik, bizitza osoan idazkera egokiaren bila ibili zen. Entsegugintzan, gogamen filosofikoari muzin egin ez zion saiogilea izan zen, piano jotzailea, hizkuntzalaritzan, dialektologian, fonetikan, soziolinguistikan eta glotopolitikan aditua eta aritua, unibertsitate irakaslea, euskal presoa, erbesteratua eta errefuxiatua, ETAren fundatzailea eta borroka armatuaren amaieraren aldarrikatzailea, existentzialista eta, jakina, euskaltzalea. Egungo Europar Komunitatearen ereserkia Beethovenen Bederatzigarren Sinfoniatik hartua da. Hark Friederich Schillerren Alaitasunaren oda hartu zuen oinarritzat herrien arteko besarkada islatzeko, eta honela dio: “Seid umschlungen, millionen, dieser kuss der ganzen Welt”; hau da, “besarkatuak izan zaitezte, milioiak, gizateriari emandako muxu honetan”. Horixe bera eskaini nahi diot joan zitzaigun Txillardegiri, besarkada handi bat, hain zuzen ere, ukazio instituzionala gertuko gizatasunaz ordezkatu ahal izateko, Europako Kultur Hiriburutza zegoen haren sorterritik, Donostiatik. Gaur da eguna, zeinean ez baita, Donostiako idazleok eskatuta eta ehunka donostiarrek aldarrikatuta ere, haren izena hirian inon aurkitzen: ez dago liburutegietan, ez du kalerik, ez oroigarririk, ezta eraikinik ere, nahiz eta hil aurretik Hiriaren Errekonozimenduzko Domina eman zitzaion. Txillardegiri berari entzuna diot, lehenengo atxiloketa pairatu behar izan zuenean, gordeta zuela Koldo Mitxelenak euskarazko eskolak emateko berari utzitako Gipuzkoako Foru Aldundiko Jauregiaren Urkixo gelako giltza, eta komeriak izan zituela hura ezkutatzeko eta itzultzeko. Mitxelenaren eta Txillardegiren artean izandako harremanik gabe egun ez genuke euskara batua erabiliko. Hala ere, denboraren poderioz, Txillardegiren eta jelkideen arteko erlazioa ozpinduz joan zen, eta Mitxelenarekin ere distantzia hartu zuen. Gainera, harrigarria baita, EAJk euskarari buruz zuen jarreragatik gertatu zen hori. Hau da, hausturagunea EAJren euskarari buruzko politikarik izan zen. Handik aurrera, Txillardegiren joera sezesionismora lerratu zen, euskara “gerorako” uzten zuen EAJren ustezko pragmatismo autonomikoaren aurrean. Orduko Txillardegi intelektual europarrarentzat, bada, utikan erlijioa nahiz abizen etnikoak, borroka kulturala baitzen harentzat abertzaletasunaren ardatza. Orain, berriz, Mitxelena gogoratzen da eta Txillardegiren ekarria baztertu... (honetaz idatzi nuen: Axularren galdegiteak eta Materraren ihardespenak edo Mitxelenaren eta Txillardegiren arteko harremanak; Egan, 2015). Izan ere, oraindik gehiago ikertzeko dagoen Txillardegi eta Mitxelena edo Mitxelena eta Txillardegi bikotea zela-eta, gauza pare bat geratu dira bakarrik argi: biak, sekulako intelektualak izanik, euskal kulturan oinarri bihurtutako euskara batuaren sorreran batera aritu zirela eta, halere, bion gizarte errekonozimendua zeharo asimetrikoa dela egun. Horrela, Mitxelena onartua bezain aitortua den bitartean, Txillardegi aldarrikatzeko dugu oraindik. Eta asimetria izan zen, hala soziolinguistikan nola politikan, Txillardegiren ikergairik kuttunena. Soziolinguistika matematikoan eta kulturen arteko harremanetan anisotropia eta diglosia aztertu zituen, ohiko Fergusen edota Psycharisen ekarpenez harago, hizkuntzen (eta hiztunen) arteko menpekotasuna zer den agerian uzteko. Orain horren boladan dagoen “aniztasun linguistikoaren iraunkortasunak” zer nolako morrontzak ezkutatzen dituen argi erakutsi zuten Txillardegiren ikerketek. Abagune honetan hori dena ez dago ondo ikusita, noski, ikuspegi “agoniazkoak” gainditu behar baitira. Txillardegik plazaratu zituenean ere, ez ziren aintzat hartuak izan (Euskal Herritik erdal herrietara, 1978). Baina, denboraren poderioz, hizkuntzen ezagutzari kasu egitea baino gehiago, erabiltze moduetan eragin beharra dagoela onartzen dugu gehienok ezinbestean. Egia esanda, Txillardegi ez da inoiz modan egon. Orain ere ez, bistan da, baina ez dago dudarik haren ekarpenik gabe, euskara bera, euskal kultura (literatura barne) eta politika bera ere askoz menperatuago egongo zirela. “Alle Menschen werden Brüder, wo dein sanfter Flügel weilt” diosku Schillerren poemak; hau da, “gizaki denon bizikidetza egin dezagun zure hegal goxoak tokia hartzen duenean”. Bistan da ezin dela bakearen eta kulturaren alde aritu gure herrian nori berea eman gabe eta, jakina, Txillardegik ez du errekonozimendurik jaso, ez bere hirian, ez Euskaltzaindian ere, eta hori ez dago ondo. Txillardegiren jarrera intelektualaz aritzerakoan bere idaztan- keran funtsezkoa izan zitzaion J.P. Sartreren itzalari erreparatu behar diogu... Orduan esaten zen moduan, “Il n’est pas nécessaire de souligner l’importance de la fonction d’une langue standard consistant á affirmer l’identité d’une communauté linguistique; c’est en développant sa propre langue standard qu’une communauté parlante, de dialectale, devient linguistique et se distingue d’une autre communauté linguistiquement apparentée et/ou politiquement dominante.” zioen Paul Garvinek (1986). Txillardegik horri kasu egin zion euskara batuaren beharra proposatzerakoan, eta, 1968a baino lehenago ere, euskara literario berria avant la lettre erabili zuen. Honetan ere, eskerrak Txillardegi bezalako pertsonaia historikoak badauden egon, zeinek, 2018. urte honetan ulertzen zaila izan arren, Euskal Herriaren zatiketari aurre egiteko baliabideak nahiz gaitasunak metatu dituzten, herri hau egin duten erresistentzia/diferentzia praktikak indartzen lagundu izan dutelarik. Txillardegiren lanak —euskal hizkuntzaren batasunaren inguruan eta Euskal Herria etimologikoki euskaradunen herritzat hartuta— iraupenerako estrategia desberdinen aukerak zabaltzen nabarmenki lagundu du. Euskal kultura “kultura kolonizatutzat” definitzea debate askotako eztabaidagai izan bada ere, hemen egiten den aukeraren ildoaren erreferentziatzat har bitez Gisèl Halimiren Le procès de Burgos liburuaren (Gallimard, Paris, 1971; Collection Témoins) hitzaurreko J.P. Sartreren hitz inola ere ez partzialak ez susmagarriak: “...Si colonie il y avait, ce paradoxe que le pays colonisateur serait pauvre et surtout agricole au lieu que le pays colonisé serait riche et qu’il offrirait le profil démographique des sociétés hautement industrialisées”; paradoxikoki, Euskal Herria “herri kolonizatuen” artean sailkatzeko aukera egiten du, aukera hau hizkuntz/kultur eremuan oinarrituz: “La majeur partie des millions rendus vont aux organes d’oppression (administration espagnole où espagnolisée, armée d’occupation, police, tribunaux etc.) ou débasquisation”. Egoera hori gainditzeko moduari buruz, Sartrek berak ere Albert Memmiren lanetan bilatu zuen euskarria eta, autore honen Portrait du colonisé liburutik hara aipu eginez, honako hau ondorioztatzeko erabili zuen, hots, kolonizazioari buruz kolonizatua bakarrik mintza daitekeela behar bezalako sakontasunez, zeren, beti ere haren argudiatzeari jarraituz, kolonizazio kulturala kolonizatzaileek sekula izan ez dezaketen bizi esperientzia delako. Aurrean esan dudanez, hauxe izan zen Txillardegiren lan ildoa fikzioaren arloan, sorkuntza literarioan, saiakeragintzan, gogamen filosofikoan, hizkuntzalaritzan, dialektologian, fonetikan, soziolinguistikan, glotopolitikan eta politikagintzan. Idazlea eta intelektuala izan da, oroz gain. Labur esanda: Txillardegi polimata izan zen, hau da pertsona bat asko zekiena, sakontasunez arlo ezberdinetan: matematika, musika, ingeniaritza edota literatura, besteak beste, menperatzen zituen eta, ezagueraren historian, mota haietako pertsonak behar dira errotutakoa astintzeko eta eredu berriak proposatzeko (Ph. Blom, A Wicked Company; 2010). Ildo horretatik, paradigma eraldatzaileak proposatzeko gaitasuna izan zuen, berdin hizkuntzalaritzan, politikan edo letren munduan. (T. Khun, The Structure of Scientific Revolutions; 1962). Menpeko artisaua izatetik artista askea izatera pasatu zen kosta ala kosta (N. Elias, Mozart, Zur Soziologie eines Genies; 1991). Jakin izan zuen jakintzak botereen aurrean (eta kontra) erabiltzen, bere garaian (1898) E. Zolak, bere J'Accuse...! famatuan egin zuen bezala. Arazoen funtsera zuzenean joaten zen gogamena landu zuelako. Gaurkokeriatik at, ohikoa eta gizartean errotutakoaren aurkakoa, Galileo baten moduan aritu zelako kontzesiorik gabe. Dena zalantzan jartzen zuen, baita norberaren borroka ere, Descartesek egiten zuenaren ildotik. Dagoenaren deuseztatzailea eta ikusmira berrien eraikitzailea, Lyotard batek erakutsikakoaren antzera. Subjektutasunaren gizarte berjabetzearen bultzatzailea izan zen. Ez zuen barne egunkariak idazten zituen Amiel belgikarraren literatura bakartia maite, Sartreren intelektualaren idatz-joeraren alde lerratu zela baizik. Beraz, idazkera eszeptikoa, errotik antidogmatikoa eta polemikatik izkiriatu zuen, bere moduko intelektual batek egin behar zuen bezala. Txillardegiren aberria Antigua zen. “Gizakiaren benetako aberri handia haurtzaroa da” zioen Rainer Maria Rilke idazle austriarrak, eta, Jose Luis Alvarez Enparantzari dagokionez behintzat, aforismo horrek bete-betean laburbiltzen du haren iruditeriaren izaera. Antigua Txillardegirentzat arbasoen jatorria eta, halaber, jatorrizko kultura giroa baita, euskararekiko konpromisoa eta gertukoen maitasuna, haurtzarotik aurrera sentitutako kidetasuna, zeinak, denboraren poderioz, bere nazio kontzientziaren garapenaren oinarriak garatuko dituen. Erbestetik etorri ondoren hori dena saiakera poetiko bihurtu zuen Haizeaz beste aldetik izeneko liburuan, non Antiguatik Txubillora egindako ibilbidean sorterrira itzultzeak erakarri zizkion hausnarketak eta burutazioak, gogoetak nahiz pentsaketak, eskaini zizkigun erabat berritzaile izan zen testu batean. Izan ere, egungo Donostiako Gaskuña plazak Txillardegi izena behar zuen, baina Txillardegi izenik ez badu Txillardegi etxea hor zegoelako da, egun mojen orubea dena, eta, bide batez, Txillardegi intelektual abertzalearen familiaren etxea zenaren oroimena ezabatu nahi izateagatik. Hau da, Antiguan bertan kaleak, enparantzak eta zerbitzuak aurreko tokian tokiko izenak dauzkate: hor daude Lugaritz, Zubimusu, Benta Berri eta halakoak adibide. Udalari, Gaskuña plaza jarri beharrean Txillardegi izendapena proposatu zitzaion bere garaian, baina Jose Luis Alvarez Enparantzak erabili ohi duen ezizenarekin ez nahastearren-edo, ia beti lehenesten den toponimia erabiltzearen partez Gaskuña izena hautatu zuten. Nire ustez, ordea, plaza hori Txillardegi plaza da, udalak beste modu batez bataiatu izan badu ere. Txillardegi etxe handia zen, gerra ospitalea ere izandakoa, eta, antiguarron oroitzapenean egoteaz gain, paisaia linguistikorako berreskuratu beharreko izena da. Handik abiaturik, “Euskaldunon aberria euskara da”, esan zuen Txillardegik, Sabino Arana parafraseatuz, birformulatuz, eta, aldi berean, euskal nazionalismo tradizionalarekin hautsiz. Beraz, Txillardegiren aberria Euskal Herria zen, euskararen herria, alegia. Alabaina, egia baldin bada gizakion benetako aberria haurtzaroa dela, hainbat autorek idatzi eta esan duten bezala, Txillardegiren aberria Antigua zen. Eta hori oso garbi geratu zen Antigua 1900 liburuan, memoria eta maitasun ariketa harrigarri hartan. Nik, nire motzean, hau dena laburbildu nahian, beste mota bateko hizkera erabiliz, honakoa idatzi dut haren omenez: Eta Muntto eta Untzaene utzi nituen atzean, han gainean, Aieteko partean Eta Txantxerrekatik behera jaitsi Eta Caviedes eta Errege-Jauregiaren arteko bidexka ilun bustia hartu Eta atzera begiratu nuen. Eta zauskada latz batek inarrosi ninduen bortizki Adostutako Tenorean Eta Errege-Jauregiaren etxe, eta etxetxo, eta ukuilu, eta batimendu gorri desberdinak oro zuhaizpearen trinkoan eta beltzean ene aurrean bertan ezabatzen zirelarik, Txantxerre- kako bidexka ezkutua begiratu nuen azkeneko aldiz: beltz, mehar, beldurgarri Eta betirako debekaturik zegokidala konprenitu Lasalako Lehoia tokiz aldatu zen Txillardegi Enparantza Gaskuña Plaza izendatu zuten Ez dago Donostian Txillardegi eta Enparantzaren arrastorik egun Ezta Harrizbikieta edota Igara ere Tokiko izenak izan arren ez dira gizaki izen gisa inon azaltzen Baina gizakia ez da ezer, kosmosaren aurrean bakarrik dago, hutsik dago, ez du izenik Itsasoa lehenengo itsasoa da, Muitza azpikoa baina gero Itsasoa da letra handiz. Lakua lehenengo Soustonsgo lakua izan daiteke baina gero gizakiaren zorion sentimendu bat Espazioa irreala Animaliak paisaiak Existentziaren kontzepzioa sostengatzen dutena Haizeaz bestaldetik Mugagabe eta mugatuaren arteko dialektikan borrokan Donostian Gabriel Aresti kalea dago Arestik kalerik ez zuela onartuko idatzi bazuen ere Idazkera narratiboaren apokalipsian bizi gara. (Bioi, 56/57 or. 2020) Nori bere bidea Baina literaturan ere Txillardegiren bidea, azpimarratzeaz gain, nire egin nahi izan badut ere, Suitzako egonaldian ezagutu nituen Ch. F. Ramuz idazlearen testuak ekarri nahiko nituzke gurera eta, beraz, idazteko nire berezko estiloari kasu egin: “J ́aie essayé de me servir d ́une lange-geste qui continuât á être celle dont on servait autour de moi, non de la langue-signe qui était dans les livres” (Niretzat baliagarria izan daitekeen nire testuinguruan erabiltzen den hizkuntza/keinu batez saiatzen naiz idazten, ez liburuetarako bakarrik balio duen hizkuntza/zeinuaz. ). Buruz beherako idazketaren alde, bada, Arakistainen bidea liburua plazaratu nuen 2019an, autore surrealisten antologia bat eta gogoeta pertsonalak batzen zituen lana. “Goitik beherakoa, horixe izan zen Luisen alabaren norabidea Londresen. Heriok deituta hartutako bidea. Biluzik. Nahita. Desamodioak erakutsitako noranzkoa. Elipserik gabeko airean zeharreko azken bidea. Jokabide hautatua, buruz beherakoa”. Liburu hau berriro ere Txalapartarekin kaleratu nuen eta Mikel Soto editore. Liburuko lehen lerroak dira hor goian daudenak. Luis Arakistain Espainiako Errepublikaren enbaxadorea izan zen Alemanian, nazismoaren sorrera garaian —euskal jatorrikoa izanagatik, Kantabrian jaioa zen, Espainian—, eta, Frantzian diplomazialaria zela, frankisten aurkako gerran antifaxistak hornitzeko armak erosten aritu zen. Ezkerreko intelektual handi bat izan zen, eta idazlea. “Haren alaba Sara, aldiz, ez zen ezkerreko militante sozialista, baizik eta anarkista. Margolaria zen, eta Londresen bizi izan zen. Han egin zuen bere buruaz beste 1945eko udazkenean, hain zuzen ere. Suizidioa hautatu zuen; ordurako, surrealistek egina zuten suizidioaren aldarria ere. Honela dio liburuan: “Sonia Arakistainek ez zuen amore eman bere buruaz beste egin zuenean, askatasunaren aldarri bihurtu baizik. Bizitzeko eta hiltzeko. Paradoxa bihurtu zuen bere erabakia, surrealista izan zelako, buruz eta bihotzez, hitzez eta marrazkiz, ideiaz eta bizitzaz”. Sonia Arakistainen istorioa eta idazle surrealistekiko mira uztartu nituen, saiakera eta zenbait poemaren itzulpen librea batzen dituen liburuan: “Testu surrealisten antologia surrealista bat da”, bataiatu nuen egindako aurkezpenean. Izan ere, sekula ez dut jakiten idatzitako hori zer generotakoa den zehazki. Liburu horren epilogoan esaten dut ez dela antologia bat, baina editoreak antologia bezala sailkatu du... Faustoren itzala argitaratu nuelarik, Ur Apalategik eleberria zela esan zidan; horren itzulpenerako Alfonso Sastrek idatzitako hitzaurrean “saiakela” zela zioen; Gernikako Galeusca izan zenean, berriz, Tere Irastortzak entsegugile gisa aurkeztu ninduen... batek daki, nik ez behintzat. XX. eta XXI. mendeko azken txanpan, aurrekoetan bezala bestalde, euskarari buruzko saiakeragintzako etengabeko idazle zerrenda osatuz joan da gurean: Imanol Mujika, Bittor Kapanaga edo, bereziki, Joxemanuel Odriozola (hizkuntzaz eta politikaz...). Gizarte arazoaz, erlijioaren ikuspuntutik, Nemesio Etxaniz, Setien Gipuzkoako gotzaina izandakoa edo Pagola teologoa daude, besteren artean. Literaturaz eta kazetaritza hizkuntzaz jardun dute, beste askoren artean, Joserra Gartziak, Iñigo Aranbarrik, Josu Amezagak eta Txema Ramirezek. Euskal nortasunari buruzko idaztien egileetan, Josu Naberan edota Alfontso Martinez Lizarduikoa ditugu adibide. Saiakera filosofikoan, aldiz, Eduardo Gil Bera (besteak beste, “Klasikoak” sailerako Montaigneren obren itzultzailea), Jon eta Pako Sudupe (Kant, Marx eta abar), Ander Iturriotz (Platon), Agustin Arrieta (egia motak...), Iñaki Soto (nazionalismoa), Ekai Txapartegi (intsumisioa), J. B. Bengoetxea (teknologia berriak) edo Markos Zapiain (Kojeve, Foucault, Deleuze edo euskal literaturako emaitzak gaitzat harturik), Imanol Galfarsoro, Joseba Gabilondo eta J. A. Irigaray aritu izan dira. Horiez gain, Jon Alonso, Joseba Sarrionaindia, Patziku Perurena, Joxemiel Bidador edo Joakin Balentzia euskal idazleak literaturaren beste genero batzuetatik saiakeraren muga lausoetara hurbildu dira. Ekonomiaren arloan, saiakera loratu dute Joseba Tobar Arbuluk edota Baleren Bakaikoak. Politikagintza aztertzen saiatu dira Emilio Lopez Adan (“Beltza”), Joseba Arregi, Mikel Urkola edo Imanol Murua Uria. Historian, Josu Chueca, Pruden Gartzia eta Erlantz Urtasun aritu dira. Antropologiaren eremua sakon landu dute euskal saiakeragintzaren barruan Anuntxi Aranak, Joxemartin Apalategik, Mikel Azurmendk, Aizpea Leizaolak eta abarrek. Soziolinguistikan ere uzta oparoa bildu du euskal saiakerak, Kike Amunarriz, Iñaki Larrañaga, Iñaki Gaminde, Xabier Isasi eta abarren eskutik. XXI. mendearekin batera, berriz, emakumezkoek osatutako uzta etorri zaigu aldez aurretik euskal literaturan aritutakoei (Arantxa Urretabizkaia, Aurelia Arkotxa, Itxaro Borda, Laura Mintegi, Tere Irastortza, Jule Goikoetxea, Iratxe Retolaza, Josune Muñoz, Lorea Agirre, Mari Luz Esteban, Idurre Eskisabel, Eider Rodriguez, Uxue Alberdi eta abar luze bat. Azkenik, baina ez garrantzian hala delako, sareari buruzko entsegua argitaratu zuen Luistxo Fernandezek (Etxepare porno), eta gaur egun eztabaidako plaza irekiak dauzkate sarean (blogak) Patxi Gaztelumendik, Iban Arantzabalek, Julen Gabiriak, Lander Garrok edota Amatiñok, adibidez. Katalogo labur moduko honetatik kanpo asko eta asko geldituko ziren, jakina..., baina hor aipatutako denak ausartu dira beren ikuspegiak eta usteak letren bidez azalduz saiakerak eta literatura egiten eta plazaratzen. Egilea, sortzaile gisa, irudi erromantikoa dela esan ohi da, eta askotan Goetheri leporatu izan zaio balizko jarrera artistiko indi- bidualista hura baina, aitzitik, Goethek berak herri literatura erabili zuen neurri berean, eta egilea gizabanako isolatutzat ezin dela hartu azaldu du. Hona bere hitzak: Beti aipatzen da originaltasuna, baina, hitz horrekin zer esan nahi dugu? Jaiotzatik bertatik munduak eragiten gaitu eta horrela segitzen du hiltzeraino. Benetan gurea bakarrik den zerbait badagoela esan al daiteke? Agian egin nahi duguna egin ahal izateko indarra edo gogoa soilik! Nire aurrekoei zor diedana esaterik banu, ez zen egin dudanaz nirea denik asko geratuko... Areago, jakina denez, idazterakoan aurrekoei zor zaiena, baina, era berean, sortzerakoan norberaren gogoa aldarrikatuz, Goethek “literatura nazional-unibertsalaren” kontzeptua utzi zigun. Joxe Azurmendik ederki aztertutako kontzeptua, beraz, zorrak zor, egile bakoitzari dagokiona eman behar zaio, irakurleari bezainbeste, bestalde. Gainera, honek guztiak badu loturarik surrealismoarekin, Magritteren Hau ez da pipa bat margolanarekin... Zein genero idazten duen jakin gabe ere, gauza bat du Magrittek berak argi: “Literatura egiten dut; pentsatzeko eta pentsarazteko tresna da literatura. Liburu honekin, besteek idatzitako testuak berriro mahaigaineratu nahi izan ditut, ikusmolde berriz bada ere”. Euskal literaturan surrealismoak ez du izan predikamendu handirik, nire ustez, baina nire literaturan, ordea, pisu handia izan du. Aurrez, Magrittek ez omen zuen pipatzen (Txalaparta, 2001) eta Jeu de Paume (Txalaparta, 2005) lanak idatzi nituen, eta azken liburu honekin (Arakistainen bidea) trilogia osatu nuen, horrenbestez: surrealismoari eskainitako hirukia osatua dago jada. Politikoki konprometituak izan arren, nire Magrittek ez omen zuen pipatzen aurkeztu nuenean, orduan Susan argitaldari zenak, Gorka Arresek, surrealismoa intelektualen jolas txatxuen emaitza besterik ez zela esan zidan, eta nik nazien aurka armak eskuan erresistentzian aritutako idazle surrealisten zerrenda aski luzea bidali nion. Izan ere, surrealismoa errealismoaren kontrakoa zela begi bistakoa izateaz gain baita errealismo sozialistaren kontrakoa ere bazegoela ez dago esan beharrik. Surrealismoak “irudikapena jartzen du kolokan”, nire ustez, eta ikuspegi horrekin bat egiten dut nik. Surrealismoa modu irain- garrian hartu da zenbaitetan, baina oso egokia da hausnartzeko eta iraultzarako ere. Iraultza egiteko bidea jartzen du kolokan, baina ez iraultza. Aitzitik, iraultza aldarrikatzen du goitik behera. Kultura iraultzarako bidea da surrealistentzat, eta horregatik “literatura burgesaren kontra” jotzen dute. “Batez ere, nobelaren kontra. Badago ispilu literatura dei dezakeguna, Hiponako Agustinekin, Senekarekin, Balzacekin... garatu zen hura, eta gaur egunera eta gure ingurunera etorriz, Patria (Fernando Aranburu) edo Martutene (Ramon Saizarbitoria) bera izan daitezke nobela eredu horretakoak, bakoitzaren digresioak eta guzti. Bistan da nik egin nahi dudan literaturarako ez idatz-estiloa ezta egitura ere ez zaizkidala baliagarriak. Nire liburu honetan, epilogoaz gain, beste 21 kapitulu eskaintzen nituen. Atal bakoitzak autore surrealista bat du ardatz, eta haren inguruko sarrera bat, gainerakoekin lotzen duena. Izan ere, idazle surrealista hauek, literaturan subertsiboak izateaz gain, “politikoki konprometituak” ere baziren. Surrealismoak, gerren arteko aldi hartan, kolokan jartzen zuen iraultzarako ohiko bidea. Iraultzarako ohiko bide hura leninista zen: lehenik iraultza egin beharra dago, eta gero bizitza aldatu. Surrealistek planteatu zuten bizitza aldatu beharra zegoela, eta horren bidez iraultza egin. Itzulpenak egin baditut ere ez dut neure burua itzultzailetzat, nahiz eta, berez, bizitzen ari garen hizkuntz ukipen egoeran euskaldun guztiok itzultzaileak garen ezinbestean, baina nik liburu honetan itzuli baino gehiago poemek eragindako irudikapen mentala ekarri dut euskarara, modu librean. Besteak beste, Aimé Césaire, René Char, Joyce Mansour, Robert Rius, Jaques Prévert, Unica Zurn, Francis Martinez Picabia, André Breton eta Robert Desnosen poemak eta haien inguruko oharrak dakartza lanak. Askok uste dute surrealistak frantsesak eta gizonezkoak izan zirela soilik, eta ez da hala. Badaude alemaniarrak, espainiarrak, katalanak, egiptoarrak, antilarrak... Alteritatea azpimarratzen zuten surrealistek, bestea ulertzea, eta, alde horretatik, mugimendu antikolonialista izan zen, esaterako. Andre Breton Haitin egon ondoren, iraultza izan zen han. Bai surrealisten, bai nire iritzian, ikuspuntuak dira aldatu behar direnak errealitateaz jabetu ahal izateko: normaltasunak, arruntasunak eta ohiturek lotu egiten gaituzte, eta behar ditugu modu berriak bestelako bizitza bat, benetan bizitzea merezi duen bizitza bat izateko. Baina liburu hau idatzi eta gutxira, Jeu de Paumerekin gertatu zitzaidana suertatu zitzaidan berriro ere (orain arte ez al dut esan nire bizitzan ez dudala itsasoan botila mezulari bat aurkitu, bi baizik!?... ), Magritteri buruzko beste erakusketa bat antolatu zutela, alegia. Honetan Parisen ez, Bruselan baizik. Esan gabe doa ahal nuen bezain laster hura ikustera joan nintzela eta, presaren presaz, hartutako ostatuaz ohartu ere ez nintzelarik, hara iristerakoan, Espainiatik aldendu berria zegoen Carles Puigdemontek erabilitako aterpe berbera hartu nuela konturatu nintzenean, zur eta lur geratu nintzen. Waterlooko etxera joan aurretik erabilitako hotel horretako langileek maite zuten Puigdemont haren eraginez haien inguruan kazetari asko eta, askotan, narritagarriak bazeuden ere, Puigdemont bera aski apala eta gisakoa iruditzen baitzitzaien. Suitzara joan aurretik, Xabier Makatzaga idazle, itzultzailea eta estatuen bortizkeriaren ikertzaileak plazaratzen zuen bere liburuetako baten aurkezpenera joan nintzen Donostiako Koldo Mitxelenako aretora non, Xabier Makatzagak berak, Skype bidez, Bruselatik bertatik bota zigun bere hitzalditxoa. Aurkezpen horretan zegoen Arantxa Oiartzabalek, Suitzara nindoala jakinda, gogoratu zidan bera ere hor egon zela bizitzen, Ramon Saizarbitoria nobelista eta Mikel Lasa poeta hantxe bizi ziren bitartean. Euskal literaturaren bideak txirikordatzen doazenez, Bruselara iristerakoan Xabier Makazagari deituko niola deliberatu nuen, Palestinara joan nintzelarik Xabier Madariagari hots egin nion bezala. Xabier Madariaga ETBko korrespontsala zen orduan Jerusalemen, eta oro har ekialdean. Hantxe bizitutakoarekin liburu bat idatzi behar zuela esan nion. Berak ezetz, idazkera mota hori ez zela berea erantzun zidan, eta nik, berriz, hango gauzak bestelako hizkeraz eta gurean kontatu behar zirelakoan, Jerusalem, Xalimen hiria idatzi nuen. Makazagak Jose Azurmendi itzulia zuen jada, eta nire Faustoren itzala ezagutzen zuen. Harekin mintzatzen konturatu nintzen intriga politikoak zer ziren agerrarazteko idatzi nuen Mort aux rois narrazio laburra berreskuratzea eta berrargitaratzea merezi zuela. Behar bezalako argitaldaria lortu ondoren, horixe egin nuen 2019an. Mort aux rois euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz kaleratu zuen ale berean Besatari argitaletxeak (Heriotza erregeei) eta emakume baten bortxaketarekin hasten da. Nire idazlanak Jean-Baptiste Bernadotteren azalera eta mundura darama irakurlea, bularrean monarkiaren aurka tatuatu eta Suediako errege izaten bukatu zuen militarra. Besatariren edizio honek aurretik existitzen ziren gaztelania, euskara eta katalanezko bertsioak bildu zituen ale berean. Ipuin hau ez da “politikoki zuzena”, dio kontrazalak. Eta neronek, gaur egun ez literatura ezta bizitza bera ere ez direla politikoki zuzenak uste dut. Hori arrazoituz, testu literarioak gero eta zurrunagoak direla da nire aburua. Zoritxarrez, gaur egun gehiago begiratzen zaio soziologiari testuari berari baino. Liburu hau bortxaketa batekin hasten da, Historia da eta istorio bat aldi berean. Orriotako protagonista bataioz Jean-Baptiste Bernadotte izandakoa da, ondoren Karlos XIV.a Joan Suediako erregea eta Karlos III.a Joan Norvegiako erregea izan zena. Napoleonzalea zen, baina bere kontrakoa aldi berean, eta, iraultzailea bazen ere, errege bilakatu zen. Kontraesan guztiak hor agertzen dira. Bizitzan agertzen diren kontraesanak dira literaturak hartzen dituenak. Eta ez dut uste literaturak politikoki zuzena izan behar duenik, bizitza bera ez delako. Kontraesanik gabe ezin da bizi. Liburua pertsonaia kontraesankorraz mintzo bada ere, bera baita protagonista, haren neskamearen ahotsaren bidez ezagutuko dugu, bera da narratzailea. Elena Martinez editore lanean aritu zen, eta, bere aburuz, neskameak gorpuzten du herri xehea, “gerrak mugiarazten duen herria”. Lehen lerroan bertan neska bortxatu egiten du Bernadottek; ondoren, berarekin eramango du munduan zehar eta berarekin geldituko da, gizona hiltzen den arte. Neskaren autobiografiaren kutsua badu narrazioak, baina bizipen horietan gizonak du garrantzi handia. Pertsonaia berezia eta polemikoa izan zen Bernadotte; Suediako errege izan arren, ez zuen sekula suediera ikasi, zailtasun handiak izan zituen horretarako. Napoleonen garaikidea, lagun eta etsai izan ziren tarteka, eta mota askotako harremanak izan zituen enperadorearekin. Bearnoko militarra izan zen, baina noblea ez zenez, ez zuen hierarkian gora egiteko aukerarik izan... iraultza etorri zen arte. Orduan aukera izan zuen erakusteko nor zen. Argi zeukan erregearen kontra zegoela, pentsa, bular aldean tatuaje bat egin zuen “mort aux rois” zioena. Eta paradoxikoa bada ere, ibilbide gorabeheratsu baten ondoren bilakatu zen errege. Nire ustez beharrezkoa da gertakizun historiko guztiak behar bezala lerrokatzea. Eta gogoratzea, honetan ere, honek baduela oinarri historiko bat, baina fikzioa dela. Pertsonaia egiazkoa, hezur-haragizkoa da. Fikzionatu dut narratzailearen ikuspegia erabilita. Aukera ematen digu birkokatzeko funtsezkoa den garai bat, neuk “gontz garaia” deitu nuena. Hitzaurrean adierazten dudanez, narrazioak garai jakin bat ezagutzeko gakoak ematen ditu eta, besteak beste, bada hurbilketa bat XIX. mendean izan ziren tradizioaren eta arrazoiaren arteko borroketara. Hala, monarkiaren eta errepublikaren arteko liskar politikoetara ere eramango du testuak irakurlea. Argitalpenari buruz, komeni da zehaztea ez dela lan berria, izan ere katalanez 2005eko ekainean argitaratu zen aurrenekoz Lux Mundi izenburupean, Daniel Lujanek itzulia. Jatorriz euskaraz idatzitakoa da: urte hartan bertan, Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) izen bereko beste testu bat kaleratu zuen. Ondoren, 2014an, ailegatu zen gaztelaniazko bertsioa, Pamiela argitaletxeak hala eskatuta eta argitaratuta, Gaur egungo euskal narratibaren antologia izenburupean euskaraz nahiz gaztelaniaz bildutakoak osatuz. Hiru testuok topatzeko izan daitezkeen zailtasunak direla eta, Besatari argitaletxeak hiru hizkuntzak ale berean, bakarrean alegia, bildu zituen eta eskertzen diot. Hizkera poetikoa 2018ko Arabako Aldundiko euskarazko poesia lehiaketa irabazi nuen, Ernestina de Champourcin poesia saria, Izendegi hutsa lanari esker. Arabako izenak oinarri hartuta, hainbat iritzi ematen nituen hitzari eta poesiari buruz, aforismoaren, sententziaren eta poema laburraren artean neurrira emandako tonuan. Honi buruz Mikel Asurmendik idatzi zuen argia.eus-en (2019- 12-13): “Hautsa harrotzeko poesia (...edota beste bat apalategirako). Lerro-burua probokazio hutsa da, liburua izendatzeko era hutsa, bere hautsa inarrosteko manera. Izanik ere, ezin uka, tankera honetako liburuak kartoi kaxetatik apalategira igotzen dira, eta gehienak edergailu gisa eta hautsa biltzeko “sortuak” dira”. Nik, berriz, esaten nuen liburuan toponimia —hots, izendegia— oso lotuta dagoela mitoari, “erabilera morala agerikoa da batzuetan, iluna beste askotan”. Hau da, autokontzientzia bat sor liteke toponimoetatik, hala irakasten digute kantariek, eta, demagun kantariak poetak direla. Esan nahi da liburu honekin poeta bilakatu naizela, eta aurretik saiakeragilea edo narradorea besterik ez nintzela? Filosofiari utzi gabe, toponimiarekin “estropezu egiterakoan” (Tarsoko Pauloren antzera) hasi nintzen poesia ontzen?. Ez, herri hizketaz harago, bertsolariaren “Denbora, leku, zeru ta lurrak, izar ta ilargi, eguzkiak...” hartaz harago, “Araban gaindiko izenetik izenera eramaterakoan lehengo idazlea da orain poesia idatzi bide duena. Topikoetatik harago, topiko tipikoak eta mitikoak harrotuz. Garbi dago herri jakintzatik edo ezaguera sakonetik hurbil gintezkeela toponimiara edo haren idazletzara, baina ez etimologiaren eta historiaren bideetatik soilik. Etimologiaren eta historiaren bideetatik eraman beharrean, hatsanka eraman gaitu gasteiztar donostiarrak. Egiaz harago, hegian barrena eraman gaitu”, esan zuen Koldo Izagirrek liburua aurkezterakoan. Hau da, hitz lauak komunikatzeko balio badu ere, eta gizakiok komunitatea egiteko behar dugu komunikazioa, poesiaren bidez, ordea, ezer komunikatzerik izan ez duenak hitz egiten du. Poesia dela medio harriek hitz egiten dute, eta mendiek, eta ibaiek, eta Herriek. Herriak toki fisikoa direlako. Eta hitz egiten badakite. Haien izenak hitz egiten digu. Toponimoak olerki fosilizatuak direlako, Txillardegik zioen bezala. Arabako herrien izendegia irakurtzen dugularik, aspaldiko poesia ari gara irakurtzen, beraz. Edonork egin lezake etimologia, baina, halaber, etimologia egiteak asko jakitea eskatzen digu. Izan ere, jakintza eta ezagutza gurutzatzen diren balizko espazioa dugu poesia. Poesia non, hitz egiten dute harriek, eta mendiek, eta ibaiek, eta Herriek. Herriek hitz egiten dakitelako. Espazio fisikoak mintzatzen direlako. Haien izen bakoitzak zerbait dioskulako gizakion hitz lauez zabaldu ahal izateko, izendegi haiek irakurtzen ez dakitenek uler dezaten. Komunitatea egin dezagun harrien hitzak, mendien berbak, ibaien izenak, eta Herriek gorde dutena komunikatuz. Haien istorio galduak. Haien mezu ahaztuak. Haien orro desagerraraziak. Denak baitaude tokian tokiko izenetan idatziak. Guk, poesiaren bidez, literaturaren bidez, alegia, irakur ditzagun. Saria eskuratzeko ekitaldian gure osaba zen Antonio Zabala Apraiz euskaltzalea ekarri nuen gogora. Berarengandik eskuratu nuen Auspoa Saila, gure Latxagan altxor moduan gordetzen dudana, eta euskaraz aritzeko gogoa. Euskara ez baita inoiz arrotz izan Araban. Odon Apraizek, gure osabaren osaba zena, aitzindaria izan zen “Internazionala”zapalduen askapenerako ereserkia euskara ekartzen eta haren laguna izan zen Abdon Gonzalez de Alaizak bultzatu zuen “Txistu” izeneko euskarazko lehenengo komiki-aldizkaria (Miel A. Elustondo/2019). Nire eskolakideak izan diren Xabier Montoiak edo Ruper Ordorikak molde berriztatzaileak ekarri dizkiote euskal literaturari eta musikari. Edorta Matauko adiskideak jorratu ohi du itzulpengintzan inork gutxik landu dituen funtsezko egileak (Stefan Zweig, Robert Wasler, Joseph Roth, Samuel Beckett, John Updike, Harry Crews...). Euskal periferia izateak baditu bere alde onuragarriak eta, baten bat aipatzearren, kulturan ohikoa edota arrunta ez denaz aritu ahal izatea litzateke aipagarriena. Eta honek ondorioak ditu. Idazleak errealitatea itzultzen du Aristotelesek idatzitakoak mendeetan zehar iraun du oso modu eraginkorrean. Greziar gisa ezaguturiko mazedoniar haren hitzak gogamenaren oinarri bihurtu dira, zeren haien aurka azaltzeagatik edo haien esanahiak aldarrikatzeko ere pentsalari gehienen mihi puntan egon ohi dira ordutik hona. Zientziez aritzerakoan (dela biologia, astronomia zein fisika...) nahiz fisikaz harago (metafisikaz, etikaz zein politikaz edo poetikaz...), Aristotelesen idazkiek benetako entziklopedia biltzen dute haren garaiko jakinduria guztia egituratuz. Horren da zabala idazkera aristotelikoa, hark askotan jakintza taxonomiarekin parekatu egiten ote duen adierazi baita, hau da, ezaguera berarentzat, nolabaiteko sailkatze ariketa egitea besterik ez zela. Platonen altzoan ia hogei urte egon eta gero, maisu izan zuenaren antzera filosofia elkarrizketen bidez idatzi ondoren, enpirismoaren aitzindaria bihurtu zen izpiritu platonikoaren aurka izkiriatuz. Genealogiak idazten garaikidea izan zuen Akusilao, edo Txaron historialaria. Agian, aurretik aipatu beharko genuke Ferezides joniarra, baina mitoaren eta filosofiaren arteko mugalari ezezaguna besterik ez zen izan hura. Hekateok Herodoto baino lehenago idatzi zuen, baina Miletoko honek, Tuzididesen antzera, gertaeren kroniken berri jaso zuen bakarrik. Horiek aparte, orduko pentsalariek ez ohi zuten idazten hizlariak zirelako (Isokrates eta Lisias, kasu), edo idaztekotan, errimak erabiltzen zituzten poetak ziren neurrian (Eumelo, Estesikoro, Pindaro etab.) edo antzezteko testuak sortzen aritu zirelako (Sofokles, Eskilo eta abar). Gogamena lantzeko Platonen prosa komunikazioaren teknologia berria izan zen, baina, funtsean, literaturaren hastapenak dira. Hark idatzitako Fedro elkarrizketak azaltzen digunez, idazketa ahozkoaren azalpena eta, beraz, pentsamenduaren ikurra dugu. Halere, Akademiaren fundatzaileak mimetismo hutsean oinarritutako artea ez zuen maite. Alegia, gogamena islatzeko idazketak balio ote duenetz kexu zegoen. Arestian aipaturiko Errepublikan, adibidez, honela zioen: “Egiatik urrun daukagun imitazioa da artea. Izan ere, gauza bakoitzaren alde txiki bat besterik ez du islatzen honela dabilenak. Margolariak zapatagina irudikatuz gero, edo zurginaren kasuan berdin, hark ez du ulertzen ogibide haiek nola ari diren beren eguneroko zereginetan eta, halere, margolaria ona baldin bada, zapatagina edo arotza margotzerakoan haurrak eta ezjakinak nahastuko ditu usteak eraikiz eta liluratuz”. Arte figuratiboak ezaguerari ez ziola laguntzen pentsatzen zuen Platonek. Areago, irudiak, oro har, ez zituen Platonek onartu nahi. Halere, prosa idazten lehena izan zen. Ahozkotasunaren mugak gaindituz lehenengo idazlea dugu literaturaren hastapenari bidea emanez, eta, bide batez, pentsatzeko teknologia berria (ez komunikazioaren teknologia berria soilik) abian jarri zuen, mimetismoaren uste ustelarekin mesfidati izanik. Alabaina, Platonen ekarpen gogoratuena ez da haren filosofia edo politika izango, haren literatura baizik. Zergatik esan ohi da, ordea, saiakera ez-fikzioa dela? Era berean, Aristotelesen irakasgai intelektualik iraunkorrena ez da izan zientziaren bidezko desdramatizazioa, haren irakaslea izan zen Platonen aurka, bizitza ulertzeko munduaren dramatiza- zioa aldarrikatzea baizik. Leuzipo, Demokrito nahiz Enpedoklesen ildo beretik joan ziren. Haiek ezagueraren garapenean zientzia eta filosofia uztartu nahi izan zuten, zientziaren bilakaera munduaren akabera izan ez zedin; egun gertatzen denaren profeta igarleak ditugu, bada. Aipatu pentsalari zahar haien arrastora saiatu ziren ibiltzen XVII. mendeko arrazionalismo modernoaren aitzindariak: Leibniz, Descartes eta Spinoza. Leibnizek, mundua ulertu nahian, gauza guztiak osatzen dituzten ustezko sustantzia txikien beharra planteatu zuen eta monada izenarekin bataiatu zituen. Monada haietan gurutzatzen ziren Leuzipok aurreikusten zuena eta gure garaian Rutherfordek formulatutako atomoak. Leibniz izan zen ardatza. Leibnizengandik dator, bada, egungo pentsamendu akademiko modernoaren oinarria, eta, horretan abiaturik, egungo filosofia curriculuma. Hartan hezi dira Kant, Fichte, Hegel, Husserl, Heidegger eta enparauak. Filosofia akademiko honek, gogamenik gabeko zientziak bezala, bestalde, munstroa erditu zuen: faxismoa. Baina gakoa hor datza. Alegia, esan ohi da zientziari dagokion ikerkuntza filosofiak osatu behar duela. Edo, beste moduan esanda, filosofia dela bigarren mailako eraikuntza analogikoa zientziak egiten duen zatikako azterketari behar bezalako orokorta- suna eman ahal izateko. Hiru hitzetan: egia bilatzeko tresna. Egiaren bideak, horren zaila eta berezitua izaki, lanbide propio eta berezia behar du: Akademia. Hortxe dugu, ordea, errakuntzaren abiaburua, ohiko aburua. Ezinezkoa baita ikerketa mota guztiei ezar dakiekeen bigarren mailako azterketarik burutu. Pentsatzeak mugarik ez duelako eta, finean, pentsamendua errakuntzatik sortzen delako, hanka sartzetik bezainbeste huts egitetik. Gizakiok gizaki egiten gaituen ezaugarria hauxe da, hain zuzen, akatsak eta okerrak errepikatzea. Errakuntza eta ez egia, dugu filosofia zein zientziaren funtsezko eragilea. Denok gara intelektualak, zioen giltzapetu zuten Gramsci idazle gorriak, gaztetan bere sorterriaren (Sardinia) nazio askapenaren alde borrokatu zena. “Gorri” hitzaren etimologia argi ez bada ere, gehien zabaldutako hipotesiak dio sardiniarrek ekarritakoa dela Greziako neolitiko garaitik mendebaldera, baina Antonio Gramsci gorria zen filosofo komunista zen neurrian behintzat. Filosofiaren funtsezko bi zutabeak ezaguera eta ekintza izan dira, baina Akademiak (Platonen garaitik, beraz) pentsamendua giltzaperatu zuen. Intelektuala, Gillem Tell moderno bat bezala, ekintza ezagutza bihurtzen dakiena da. Izua jakintza bilakatzen gai dena. Gillem Tell bezalako arkularia zen Filoktetesek erakutsi zigun, ordea, kemen intelektualaren ordaina: isolamendua eta mespretxua, alegia. Isolamenduaren irlatik irtetea da, gatibu dagoenarentzat kartzelatik ihes egitea bezainbeste, ekintzaile intelektualaren betebeharra. Ez mundutik urruntzea, Akademiatik baizik. Ekintzaile kementsua bezain intelektual ausarta zen Pascalek zioenez: “filosofoez trufatzea filosofatzea baita”, askatu beharra dago gogamena filosofiaren hesitik, eta pentsamendu askearen balioa aldarrikatu eta haren adierazpenak (idazletza, besteak beste) babestu. Ortega y Gasset izan da espainiar eskuinaren intelektuala, neoliberalismoaren sasoiak etorri arte. Frantziako intelektual iraultzaileen jomugan zegoen Anatole Francek ez bezala iraun du Ortegaren irudiak Pirinioetatik behera. Filosofoak zoriontasunaren giltza duela, edo behintzat zoriontsu izateko bideak erakusten dituela uste zuten lehen eta uste dute orain ere pentsalari askok. Ustezko gogamenaren benetako balioa da aburu honen atzean ezkutatzen dena. Agian, filosofiaren merkatu balio bihurtu da baina, edonola ere, gogamenean aritzearen lotsa dugu jarrera horren ardatza. Hau da, nola edo hala, ezin onartzea pentsatzeak balio duela eta ez dela denbora-pasa hutsa, filosofatzea ez dela gure gizartean (berez, edozein eta edonoizko giza taldeetan) luxutzat har daitekeen portaera. Antzinako filosofoek bizitzaren gakoei antzeman nahi zieten. Garaikide direnek bizitzeko norabidea ematea dute helburu. Epikuro, Aristoteles, Seneka edo Hiponako Agustin halakoxeak izan ziren, greziar eta latindarren artean. Alain de Botton (The consolation of Philosophy), Luziano de Crescenzo (Il tempo e la felicita), Fernando Savater (Ētica para Amador) edo Lou Marinoff (Platon no prozac!)... arrasto honetako filosofo garaikideek antzerako nahiko lukete egin orainaldian. Filosofia salgarria eta pentsalari salduak ditugu, nolabait adierazita. Aipatu denek egin izan dute autokontrolaren aldarria. Baldin eta zoriontasuna plazerarekin bat egitea bazen zinikoentzat, estoizismoaren aita pontekoa zen Epikurorentzat, berriz, minaren ezean oinarritzen da zoriona. Oinazea saihestuz aurre egitea dugu, beraz, filosofia mota honen abiapuntua. Ildo horretatik ibili izan dira aipatu guztiak eta beraien eraginez idatzi dutenak. Mina ezagutza bihurtzea dugu, ordea, pentsamenduaren balorea (adorea, alegia) eta balioa. Behar bezain adoretsu izatea, gogamena askean aritzea, dugu erosterik ez dagoen pentsaera. Luxua baino premiazkoa dena. Beharra. Lana. Bizitza. Aristotelesek zioskun jakintsuak atsegintasunaren atzetik ibili beharrean minik eza zuela helbide, baina Zizeronek, berriz, argi utzi nahi izan zuen oinazea, zentzugabea izanda ere, ez zela inoiz gaitza... bizitzaren eskola baizik. Aipatu esaera, ziur asko, Eskilok idatzitako tragedia ezagun batetik hartuko zukeen mailegaturik hizlari latinoak, baina, horrela bada ere, oinazea eta pentsamendua uztartzeko beste bidea du eskaintzeko. Hartan, gogamenaren funtsa bizitzatik ikastea da, eta, beraz, ezin izango litzateke ulertu intelektuala praktikatik at luxu ariketa baten gisa. Honetaz gain, oinazea ezaguera bilakaturik, gizakiaren berezko gaitasuna garatzea litzateke pentsaera. Gizaki guztion eskubide, ez bizkor bakar batzuen ogibide, eta jende arruntaren beharra. Batek zioen bezala (Sokratesek Menon izeneko elkarrizketan, alegia), filosofia esklaboen jakintza dugu, inola ere ez soldatapeko irakasleriaren ezagutza testuala bezain ahula. Nihilismoaren aurrean Heideggerrek eginkizuna proposatu zuen. Liberalismoaren aitzin, aldiz, Daseina. Hau da, XX. mendeko pentsamenduaren atarian, nazismoaren izaerarekin batera, mundua ulertzeko eta aldatzeko jite autoritarioa agertu, eta etortzeko zegoen pentsamendu, etika eta estetika guztia kutsatu zuen. Bide horretatik irten nahian, XXI. mendeko gogamena bere buruaz lotsatu egin da. Eta uste guztiak ustelak direlakoan, nekez aurkitu daiteke proposamen sendo eta kritikorik: misioak utikan, obligaziorik ez... behartutako zeregin denak, norberak ebatzitakoak barne, faxismoaren berragerpenak bailiran. Horrela, proposamen intelektualak hizkuntza jolas gisa soilik onartzen dira egun, eta intelektuala arimaren sendagilea dugu gehiago mundua aldatzen bidaidea baino. Duda mudako garai hauetan herritarrak protagonismo politikoa galdu ohi du, eta bizitzea munduan parte hartzea izan beharrean, iraute tristea besterik ez da izaten. Baina politika Polisari dagokio, hau da hiriaren gobernuari. Era berean, zibilizazioak Civitas delakoaren antolaketaz arduratzea esan nahi du. Inperioak, ordea, herritarren esku hartze zuzena eta politikoa ezinezko bihurtzen ditu, eta gizarte jarrera zibilizatuak bultzatu ordez zapalkuntzari ematen dio bidea. Sasoi hauetan, gobernuaren mekanismoak opakotasunaren atzean ezkutatzen dira. Ezin da ikusi, ezin jakin nork non hartzen dituen gehiengoaren bizitzan eragingo duten erabakiak. Aro honetan jendea zapuztuta dago eta tristura da nagusi. Honengatik guztiagatik arima alaitzen nahiz goibeldura sendatzen ibiltzen direnek badute, eduki, oraingo honetan uztaroa. Zoriontasunaren saltzaileak ditugu tenore ilunetan bizibide zabalduena. Gure artean, beraz, ez dira psikologoak falta (arimari buruzko espezialistak, nonbait), ezta terapeutak, apaizak edo igarleak ere... Aitzitik, zoriontasunaren merkatxifleen garaia da hau. Greziako hiri estatuen argiak ilundu zirenean, filosofiari eta zientziari gogoeta helenistak gailendu zitzaizkien. Agintariaren urruntasunak eragindako gertuko politikari buruzko axolagabetasunari aurre egin nahian, zinikoak zein estoikoak lasaitasuna eta gatazkaz gain egon ahal izateko aldartea eskaintzen saiatu ziren. Zinikoek, beren aldetik, ahalik eta gauza gutxienekin bizirautea proposatu zuten. Alternatiboak eta erradikalak ziren. Intsumisoak. Diogenesek eta Kratesek arimaren sendagiletzat jotzen zuten beren burua, baina, era berean, gizarte berri baten aldarrikatzaileak izan ziren. Ekintzaile gisa lotsagabe hutsak ziren eta berdin zitzaien herriko plazan larrua jotzea, edo hitzaldiaren erdian eta jendearen aurrean puzkerrak botatzea... Hori zela-eta zakurrak deitu ohi zieten, baina izendapena horren arrakastatsua izan zen ezen oraindaino honako izenarekin geratu diren. Estoikoak beste kasta batekoak ziren, nahiz eta funtsean, zinikoen antzera, lasaitasuna eta zoriontasuna besterik ez omen zuten saldu nahi. Edozein modutara ere ziniko kamutsak izan ditugu “zutabekoak”. Stoako enparantzan biltzeagatik hartu zuten aipatu izena, baina egungo hedabideetan gero eta ugariagoak diren “zutabegileak” bezala, estoikoen zeregina jendeari bizitzari buruz zer pentsatu beharra zegoen azaltzea izan zen. Egungo “tertuliano” edota komunikabideetako solaskideen ildotik, jakintsu agertzea eta edozein gauzari buruz jakintza erakustea zeukaten helburu, baina, zinikoek ez bezala, ez zuten gizarte egoera aldatzeko inolako proposamenik. Alderantziz, patua eraldagaitza dela uste zuten, eta zoriontasuna, beraz, horretaz jabetzea. Lasai bizitzeko, bada, ez zuten inolako plazerik bilatzen, arrazoia baizik. Eta arrazoia lagun, pragmatismoa eta, bide batez, dagoenarekin konformatzea izan zen maite izan zuten jarrera. Zenon eta Krisipo logikoak izan zirenez, bizitza adimentsua aldarrikatu zuten aurreko Anaxagorasen teoriak berpiztuz. Hartan, gogamena “logos gartsua” (mintzaira sutsua) litzateke, eta gogoeta egiteko bide bakarra, berriz, arrazoia. Munduaz pentsatzeko soilik modu bat onartzen denean eta mundua bera aldagaitza dela uste izaten denean, monoteismoaren ardatzak ezarriak daude, eta horixe egin zuten estoikoek Alejandro Handiaren inperio garaian. Filosofiaren historian Aristotelesengandik Descartesenganaino hutsune izugarria onartu izan da maiz. Helenismoaren eragina, ostera, ez da apenas kontuan hartua izan. Badarik ere, estoikoen gizarte jarrerak, Erdi Aroan zehar aszetismo gisa mozorroturik, Kantenganaino eragin izan du oso modu nabarmenez. Egungo pentsamendu bakarra deritzanak, beraz, erro sakonak ditu. Servet dugu, Sastre eta Sartreren antzera, pentsamenduaren historian toki duina merezi duen beste intelektuala. Eta duintasuna aipatu nahi dugu, zeren pentsatzen zuena defendatzeagatik erre zuten bizirik zegoela, ni Genevan bizi nintzen tokitik gertu hain justu, eta, nahiz azken unera arte zigorra arintzea eskaini zitzaion, nahiago izan zuen oinazeak jota pentsatzen zuenarekin batera hil, hura errefusatuz sufrimendua leundu baino. Luteroren proposamenak kultur etena suposatu zuen. Hortik aurrera gizabanakoaren aldarria baitator. Protestantismoak norbera, Biblia irakurriz, bere moralaren jabe dela dio. Bera sortu aurretik, heresiak heresia, kristautasun bertsio ia bakarra bazegoen ere, eta fedegabe guztiak islamdar, judu edo barbaroekin bukatzen baziren, Luteroren oldartzeak erlijio gerrak ekarri zituen eta, haiekin batera, pentsamendu ezberdinengatiko jazarpen berria. Servetek gertutik ezagutu zituen erreformatzaile gailenak: Melantchon, Lutero, Zwinglio eta Calvinorekin sutsuki eztabaidatu eta ez zuen inoiz arrazoiez apartekorik inolako inposaketarik onartu nahi izan. Okzitaniako Tolosan eta Parisen, Lyonen edota Basilean, orduko intelektualen antzera, hizkuntzak, matematikak, geografia, filosofia, teologia eta medikuntza ikasi zituen. Haren idazki ezagunenak Dialogarum de Trinitate, Syroporum universa ratio eta Christianismi Restitutio izan ziren. Azken honetan azaldu zuen Andres Vesalio anatomista ospetsuarekin Parisen lanean zegoela aurkituriko odol jarioaren azalpena. Liburu hori zela-eta erre zuten Suitzako Genevan, 1553ko urriaren 27an. Servet, halere, ez da ezagutu behar honengatik soilik. Aitzitik, geografia alderatuaren metodologian ere ekarpenak egin zituen (Ptolomeoren geografia osatu eta argitaratu zuen, baita etnografiaren lehenengo hastapenak ezarri ere); teologian, Santo Tomasen Summa Theologica gaurkotu, atondu eta apailatu zuen (nolabaiteko panteismoa defendatuz); Trinitatearen dogma errotik kritikatu eta Kristoren betierekotasuna errefusatu zuen. Honengatik guztiagatik mehatxuak eta hertsamenak pairatu behar izan zituenez, izena eta bizitokia aldatuz ibili zen, baina nonahi zegoela ere nafarra zela argi uzten zuen: Parisen zegoenean (1548an), honako izaeraz agertzen zen: “Michel Villeneufe, docteur en medicine, natif de Tudella au royaume de Navarre;” edota bere paperetan: “ut dicebat Navarrus” argi utzirik. Lyonen, berriz, Michael Villanovus nortasuna erabili zuen etab. ; ezkutuan zebilen pentsalariak, ordea, beti nafartzat jo zuen bere burua, eta bere aburuengatik hiltzen jakin izan zuen lehenengo intelektualetariko bat izan zen. Alfonso Sastrek ez du inoiz onartu Servet nafarra zenik; Siresan (Huescan) jaio zela zioen, nahiz eta Servetek berak, agian jazarpena saihesteko, sorterritzat Nafarroa aldarrikatu, baina Servet haren errautsen eta odolen aurrean arrosa gorriak eskaintzeko adorea izan zuen saiakera eta antzerki obra banatan. Sean O’Casey idazle irlandarra dugu Alfonso Sastreren alter ego izan zitekeena. Izpiritu komunistaren antzerkigilea. Bere herriaren arazo politiko eta sozialei buruzko kezkak islatzen jakin izan zuena. Eliza katolikoari menia eman ez ziona, bere burua katolikotzat jotzen maite zuen nazioan. Arrosa gorriak eskaini zizkion Alfonso Sastrek Migel Serveti. Arrosa gorriak aldarrikatu zituen O’Caseyk bere buruarentzat, eta Harold Pinterrek amona kurduentzat nahi zituen bere izkribuetan haien mendietako hizkera aldarrikatu zuenean, Sartrek Turkia ikusterik izan ez zuenak baina Euskal Herriari buruz idazterakoan azalarazi zituenak. Arrosen sasoiak Idazleok irakurleak gara. Testuak eta mundua irakurtzen saiatzen gara, baita itzultzen eta iraultzen ere, baina literatura ezin da ispilu bihurtu hitz pilo erabili arren. XX. mendearen bukaeran, antipsikiatriaren eraginez eroetxeak ixten hasi zirenean, urteetan ispilurik gabe bizitako gaixoei beren burua islatua berriro ikusteko aukera eman zitzaienean, gehienak, noski, euren irudiari antzemateko ez ziren gauza izan. Denbora behar izan zuen bakoitzak zeuzkan itxura eta aurpegia onartzeko, norbere izaera aitortzeko. Eta horren antzera, nago, herritar garaikideak ez duela bere burua errepresentaturik ikusten egungo literaturan. Izan ere, esan daiteke pairatzen ari garen demokrazia ordezkatzaile honen kontsumo kultura horren dela fragmentatua, desitxuratu eta ustela, ezen harekiko desafekzioa inoiz baino handiagoa dela eta, dagoeneko, eri dela. Zeren eta, esaterako, errakuntza handia da beti, inozokeria ez esatearren, pentsatzea gure ordez hautatutakoek guk nahiko genituzkeen bizitzaren arlo publikoari dagozkion erabaki berberak ebatziko dituztela. Hala eta guztiz ere, hauteskundeen doinuak astintzen gaituen bakoitzean, ohiko demokraziak dituen balioez nahiz hutsuneez gogoeta egitea ezin da alboratu; premiazkoa dela esango nuke, besteak beste Kant filosofoaren hitzak gogoan: “demokrazia, berez, despotismoaren azalpen bat besterik ez da” zioenean, haren ondorioak kontuan harturik. Mendez mende onartutako Teoria Politikoaren ildotik, gobernatzeko era gorenak Errepublika izan du izendapena, ez demokrazia. Frantziako iraultzaileen artean, adibidez, bakar batek defenditu zuen demokrazia ordezkatzailea: Robespierrek, 1794an. Egun, aldiz, demokraziak ematen dio zilegitasuna gobernuen erabakiei indarraren erabileraren gainetik, baina zer-nolako demokraziaz ari gara hitz egiten agintearen egikaritzeaz ari garenean? Ez ideia huts bati buruz, jakina, gobernu jakin baten praktikez baizik... eta, zehazkiago, haiek kontrolatzeko moduez, autogobernuaz alegia. John Stuart Millek zioskunez (On liberty, 1859), “autogobernua ez da izaten bakoitzak bere burua gobernatzea, besteek nola gobernatzen duten bakoitzak kontrolatu ahal izatea baizik”. Beraz, demokrazia errealean, “demokratak” izan arren, berezko joera despotikoa daukaten agintarien erabakiei zer-nolako mugak jartzen zaizkien izaten da kultura politikaren kalitatea ematen digutena. Ez, demokraziak ez du ordezkatzailea soilik izan behar. Aitzitik, horrela bakarrik izatekotan, deliberoak herritarren partez erabaki ohi dira, eta politika oro herriaren lepotik garatzen da erabateko despotismoari bidea irekiz (dena egiten omen da herriaren onuragatik, ustez, baina herriak benetan uste duena aintzakotzat hartu gabe). Honezkero, aipatu bide ustelak ekarri ditu bere ondorioak, eta hori saihesteko, orain ohiko bihurtu da, esaterako, alderdiek beren baitan, bakoitzaren barne aginte egituretatik haratago, afiliazio osoari galdetzea hautetsiei buruz, balizko paktuez eta abar... Horretaz gain, eguneroko arazo politikoetan herri galdeketen aldarria nahiz praktikak gero eta arruntagoak dira. Honek guztiak, jakina, errepresentazio politikoaren krisiak erakusten dizkigun adierazleak besterik ez dira. Edota, orokorrago oraindik, egungo gizartean nahiz kulturan bizitzen ari den errepresentazio sistemen hausturaren seinale lirateke. Ezagueraren eraikuntzan mimetismoari eta algoritmoen gaineko agerpenak birtualitate digitalizatuak ordezkatu ditu; denboralizazio klasikoaren partez berehalakotasunean ari gara bizitzen, eta, beraz, res-publica antolatzeko modua ezin da izan XX. mendean izan zen berbera. Errepresentazio orokorraren krisialdia dela medio, dagoeneko herritarrak ez baitu bere burua ikusten gizarte agintearen mekanismoetan irudikaturik; demokrazia ordezkatzailean eraildako ohiko politika ere nozituta dago, eta politikariak, sinesgarriak baino gehiago susmagarri bilakatu dira. Errepresentazioa baita darabilgun kultura, antzezpena eta irudikapena. Idazleok erabiltzen ditugun sortzeko mekanismoak, alegia. Dagoeneko inork ez baitaki ebazpenak non eta nola hartzen diren (udalean, gobernu lokaletan, zentralean, Bruselan edota inor gutxik ezagutzen dituen itun enpresarialek bideratutako “txosten teknikoen” arabera...), ez eta zer-nolako ondoriorik izango duen han erabakitakoak norberaren eguneroko bizitzan ere. Pairatzen dugun politika egiteko moduan, demokrazia ordezkatzailearen bidez, zilegitasuna eman nahi izan zaio interes pribatuei res-publican sartzeko eta, bide batez, haren lepoz gizentzeko (ustelkeria, kasu...). Egun, gobernatzeko zeharkako modu ez zuzenek agintzen dituzte egunerokotasunean eragiten dituzten baldintzak (salneurriak, dirua eta maileguen balioak eta abar...), eta ezin zaie erantzun harreman ezkutuen bidez gauzatzen baita hori guztia herritarrei ezer galdetu gabe. Egungo ezagueraren gizarte honetan, informazio aukera, ordea, inoiz izan den zabalena dugu, eta, halaber, eztabaidarako foroak inoiz baino egingarriagoak dauzkagu... Eragingarriago bihurtu ditzagun, bada (Buchanan, J. & Tullock, G. A. Liberalism against pupulism. 1982). Alda ditzagun, beraz, dagoen demokrazia zaharra zuzena bilakatuz. Horrela, izpiritu errepublikanoari so, hautsita dagoen gizarte ispilua ere berreskuratu eta aldatuko dugu. Norberaren osasun fisiko zein mentalak eskertuko digu hori, zeren eta, agian, gaurko eredu politikoak eta politikariak benetako demokrazia eskuratu aurretiko azken katebegiak besterik ez dira izaten ari. “La nit que llarga que es, la nostra nit; la nit” (zein luzea den gaua, gure gaua, gaua) abesten zuen Raimonek, espainiar estatuan politika demokratikoa gauzatzea debekaturik zegoela... Zegoenean?! Egun gertatzen ari den guztiak Espainiako Erresuman demokrazia badagoela esaterik baimentzen al digu, akaso? Legeen justiziaz galdetzea debekatzen duena da lege zuzen bakarra, zioen Platonek, baina, jakina, hark errepublika autoritarioa hobesten zuen soilik, eta Espainia, bistan da, monarkia eta, era berean, demokratikoa omen da. Orduan, zergatik atxilotzen dituzte legeen justiziaz ozenki eta publikoki galdetzen dutenak? Terroristak direlako diote, baina... Terrorismo hitza, berez, ‘terreo’ esanahitik eratorritakoa dugu. Hau da, bestea ‘dardaraztea’ edo, hobeto agian, ‘ikararaztea’ litzateke hitz haren jatorria. Bestea izuaren bidez desagerraraztea da terrorismoa. Eta, horretarako, ez da beharrezkoa izaten inor hiltzea. Fededunak terroristak dira —“Elizaz kanpo ez dago salbatzerik”, esan ohi dute katolikoek...—. Psikologoak terroristak dira, besteen emozioak patologizatuz hitza ebasten dietenean, eta gurasook, edota irakasleok ere, terrorista bihurtzen gara gure haurrak edo ikasleak isilarazten ditugunean. Bestearen izaera eta hitza onartu ez eta ezabatzen den neurrian garatzen da terrorismoa. Izuaren monopolioa estatuari dagokiola Justiniano enperadoreari zor zaio. Handik hona, estatuarekin hitz egin nahi izatea, berriz, horixe da botereak inoiz onartu nahi izango ez duena. Are gutxiago modu publiko bezain gardenean egin nahi izaten bada, zeren, Platonek goian adierazi bezala, estatuaren legeen justiziaz ezin da zalantza izpirik ere zabaldu, bera baita haien egile (autorea), eta, horregatik, harena botere autoritarioa da berez. Estatuarekin ezin da hitz egin. Elkarrizketa ezinezkoa da. Estatuaren monologoa terrorista baita. Espainiako monarkiak politikarako eskaintzen dituen arauek ez dute balio. Noski, baliagarriak izaten dira haren sistemaren baitan aldaketak bideratzeko, baina ez sistema bera aldatzeko. Edo, beste era batez adierazita, arau haietan joka daiteke galtzeko, baina inoiz ez irabazteko. Sistema arriskuan jar dezakeena desagerrarazi beharra dago. Hori dela-eta onartzen dira hauteskundeetarako arau sistema zalantzan hartuko ez dutenak bakarrik, tranpak salatuko ez dituztenak... menperatutako hitz jarioak, diferente izateari utzi izan dioten haiek, estatuarekin buruz buru beldurrik gabe hitz egiteko gai ez direnak estatuaren morroiak besterik ez direlako. “Gleiche Freiheit für alle” (askatasun berdina denontzat) aldarrikatu zuen Inmanuel Kantek “Betiereko Bakea” lortzeko bidean, baina, hemen eta orain, giro iluna dago eta ez zaio egunsentiari antzematen. “Tras la noche, vendrá la noche más larga... quiero que no me abandones, amor mío, al alba” idatzi zuen berriki zendutako Luis Eduardo Autek (Gauaren ondorena, gau luzeagoa izango da... egunsentirako ez nazazu bakarrik utzi, maitea). Izaera diferenteen —di fero, baztertu beharrekoa— aurkako jazarpenak adierazpen askatasuna lapurtu eta giltzapetu badizkigu ere, egunabarra argitu bitartean ez ditugu gure hitzak bazterrean eta ezkutuan utziko, zeren, neguko gaua luzea izan arren, goiztiria etortzen denean, idazten harrapatuko gaitu, ispilurik gabe, era diferente batez, bestelako hitzez, mundua itzultzen. Georgian gerra hasi zenean Moskuko bidean nengoen, 2007an. Halere, ez nintzen hara joan gerraren gar piztu berriagatik, aurreikus zitekeen zabaldutako borroken tamainak aspaldi pentsatutako bidaia bertan behera uzteko adinakoa ez zelako baizik. Hantxe nengoela, baina, zaharberrituriko gatazkari buruz bertakoei galdetzea ekiditea ezinezko zitzaidanez, ahal izan nuen guztietan egunkarietako albisteez haien iritzia eskuratzen saiatu nintzen. Emaitza, halako egoeretan edonork susma dezakeenez, aski bateratua izan zen errusiarren ahotan: georgiarrak deabruak dira, lapurrak izateaz aparte mozkor hutsak omen ziren eta, gainera, iletsuak oso (emakumezkoak bereziki) eta seko bortitzak... Nire sasi inkesta hura Kremlinetik gertu egin izanak baldintzatua zegoenez eta, bide batez, nire bidaiari segida eman nahian, San Petersburgera joan nintzelarik, ordea, Leningrad zaharreko oraingo biztanleek georgiarrei buruz berriro ere moskutarrek zeukaten ustearekin bat egin zuten zalantza izpirik gabe. Ez zen grazia egiteko modukoa baina, ezin uka, errealitate (edo gizarte irudikapen jakin) baten adierazle garbia izateaz gain, komiko samarra ere bazen. Zorionez, Moskun ez bezala, San Petersburgon Literaturaren Museora hurbiltzeko beta izan nuen, eta bertan Nikolai Gogol zenaren omenez pairaturiko erakusketa ikusi. Gogol XIX. hastapeneko errusiar errealismo komikoaren maisuak orduko nahiz egungo inperioa ulertu ahal izateko emaniko zenbait gako literariok bere hartan dirautela erakutsi zidan; holako lerroak direla medio, irakurle, zurekin partekatu ditudanak (Emily Brönte zenak idatziko lukeen modura...). Gogolek, hogeita sei urte zituela eta Taras Bulba izkiriatu zuelako (hasieran narrazio laburra zena baina, arrakastak bultzaturik, ondoren eleberri bihurturik...), irabazi zuen ospea, kosakoen lautadetan jaioa baina San Petersburgora bizitzera joaniko idazlea zen. Hango agintarien aldeko zaldikoen ankerkeria haien herritartasunekin soilik aldera daiteke. Errusiarrentzat kosakoak miresgarri bezain beldurgarriak izaten direnez, Gogolen idazkia denen gogoan dago honezkero. Urtebete pasa ondoren (1836an) argitara eman zuen Ikuskaria izeneko antzezlanean, berriz, inperioaren burokratak zirela zehatz-mehatz eta modu barregarrian deskribaturik izan zirenak. Baina, aipatu haien azalpena hedatzeaz kanpo, 1842an kaleraturiko Arima hilak nobela litzateke haren ekarpen gorena, non, Txitxikov, orduko mafiosoaren amarruen berri ematen zigun. Samuel Becketten En attendant Godot famatua burura zetorkidan erakusketa ikusterakoan. Izan ere, denok dakigun bezala, obra osoan zehar Godot izenekorik ez da inoiz agertzen Vladimir eta Estragonekin omen duen zitara. Etengabe bihar badatorrela zabaltzen bada ere, une hori ez da inoiz iristen. Bizitzaren hutsaltasuna adierazi nahi zuen Beckettek horrekin baina..., batzuek diotenez, God ingelesez jainkoa denez, bizitzearen zentzugabetasuna arintzen duen erlijioaren itxaropenak laguntzen duela azaldu. Oraingo honetan, non fundamentalismoaren aurkako salaketak nonahi aurkitu daitezkeen, nekez aipatzen da erlijioaren betebehar zaharberritua AEBetako inperioan (puritanismoa) edota Errusian bertan (ortodoxoa) salatu nahi izan omen zuen idazle irlandarrak, nahiz eta antzezlana frantsesez idatzi. Hark, aldiz, irakurketa hura beti ukatu zuen. Arima errusiarra (hilenak nahiz bizidunenak) horren ederki islarazten jakin izan duen Gogoli ere antzera gertatu zitzaion, bizia bukatzear zuela. Jerusalemetik bueltan erlijioaren aldeko apustu sutsua egin zuen, eta ordura arte idatzitako guztia (argitaratu gabe zegoena barne) suntsitzeari ekin zion errukigabe. Hiruko batek oinarritu zuen Errusia zaharreko inperioa: Tsarra, Mafia burokratikoa eta Erlijioa. Kafkak, Becketten antzera, edo Gogol gaztearen ipuinek esaten diguten bezala, literatura diferente eta diferitua eskaini zigun munduari itzulia emateko, mundua itzultzeko. Aldiz, Luciano De Crescenzo idazlea gure artean ez da oso ezaguna, nahiz eta italiar irakurleek aspaldi kontsakratu duten intelektuala izan. La distracción izeneko eleberria gazteleratua izan arren, Mondadori argitaletxean ere aurretik bazituen itzulita Las mujeres son diferentes eta El tiempo y la felicidad izenburuko saiakerak. Horretaz gain, Luciano De Crescenzo zinema zuzendaria ere badugu. Aipatu eleberrian —La distracción—, Bellavistaren, erretretan dagoen filosofia irakaslearen burutazioak kontatzen zizkigun. Aipatu pertsonaia De Crescenzok kaleratu zuen lehen aldian Cosi parlo Bellavista (horrela mintzatu zen Bellavista) narrazioan, eta hortik aurrera egungo gizarteari buruzko hausnarketak plazaratzeko erabili izan zuen, irakurleen arreta bereganatu nahian. Filosofiak zoriontasunaren giltza duela, edo behintzat zoriontsu izateko bideak erakusten dituela, uste zuen lehen eta uste du orain ere pentsalari askok. Gogamenaren benetako balioa dugu aburu honen atzean ezkutatzen dena. Agian, gogamenean aritzearen lotsa izaten da jarrera horren ardatza. Hauxe, ezin onartzea mundua itzultzeko pentsatzeak balio duela. Antzinako filosofoek bizitzaren gakoei antzeman nahi zieten. Garaikide direnek bizitzeko norabidea ematea dute helburu. Ildo horretatik ibili izan dira oraingo idazle filosofo gehienak eta, beraien artean, De Crescenzok berak ere filosofia saltzen digu. Ongi saldu ere... baina ibilera horretan pentsaeraren eta literaturaren kaltetan eta errazkerien mesedetan. Liburua irakurgarria da, baina ez du asko balio eta ez da batere merkea. Jacques Lacanek, hizkuntzaren bidez gure kultur arimaren berri ezkutuenak eman nahi izan zituen psikoanalistak, F. Sagan maite zuen. Ez zuen maite, antza, mutiko gaztearen itxurako emakume idazlea, haren literatura baizik. Horregatik, haren idazkiak irakurtzea gomendatzen zuen: Egunon tristura (Bonjour tristesse) famatua, jakina, baita Nolabaiteko irribarrea eta gainerako eleberriak ere. Irakurketa haien karira, eta maisuaren itzalpean, bide batez, idatzi zuen Jacques-Alain Millerrek Egunon jakintza izeneko saiakera, non kultura garaikidearen ikerketa zorrotza eskaini zigun. Aipatu entseguan, Saganen nobeletan agertzen diren zenbait pertsonaiaren ezaugarriak gure egungo gizartean atzeman daitezkeen berberak direla dio Millerrek. Honezkero nagusitu den pasibitatea eta indibidualismoa, ekimenerako ahalmena beti besteen esku uztea, aspaldidanik dena asmatua omen dagoelako sentsazioa, arazoak betidanik eta betirako direnaren uste ustela... Egunon jakintzan egungo zibilizazioaren agorpena agertzen da. Bere izaeraren ahulezia eta menekotasuna. Etsipenaren irribarre nekatua. Histasun hizduna. Kojève filosofoak ere bazuen F. Sagan gustuko. Azken mundu berria liburuan, zendutako idazle frantziarraren irakurketatik idazle berriak atera daitezkeela zioskun. Kojèveren aburuz, behar bezala idatzi ahal izateko irakurtzen jakin beharra dago, hau da, “lerroen arteko esanahiaz jabetu”. Gure kulturan idaztea, idazle filosofoarentzat betiere, itxura egitea besterik ez da, errealitateak mozorrotzea, sinesgarritasuna ematea fikzio besterik ez denari, eta dakienak esangura harrapatuko du- elakoan izkribua hor uztea; Mendebaldeko jakintza seriosean tristura da nagusi, nagusi den kulturak seriotasunaren azalezko maskara baitauka. Etsimenduaren kultura da gurea. Erdi Arotik, kristautasunaren bidetik hona heldutako jakintza heldua. Eta tristea. Bajtinek (1895-1975) aztertu zuen Mendebaldeko kulturaren funtsezko kontraesan hori Rabelais eta Dostoievskiren literatura arakatuz. Biak ala biak baitira beren garaiaren lekukoak, eta biengan “goi mailako kulturaren jabe diren pertsonaiak” eta “herritarrak” kontraesanetan azaltzen dira etengabe. Bitasun hori —alde batetik kultura izpirituala, arrazionala eta serioa, versus beheko kultura materiala, eskatologikoa eta barregarria— kristautasunaren herentziaz jaso, egitaratu eta erakundetu du Mendebaldeak. Horrela, barrea jakintzatik at kokatuz, literaturak nahiz filosofiak, politikak nahiz hezkuntzak, tristea bezain pisutsua behar du izan, ezinbestean. Arrosaren izena nobelan eta filmean erakutsi zigun Umberto Ecok borroka hori nola gauzatu izan den europar kulturaren hastapenetatik. Barrea deabruaren lanabesa da nagusien kulturarentzat, kultura nagusirako. Herriak, ordea, badaki, jakin, tristura garesti ordaindu beharra dagoela, eta, neurri berean, barreak ez duela preziorik. Freudek politika eta hezkuntza jardun gaizto, jasangaitz edota ezinezkotzat hartzen zituen Kulturaren egonezaz aritu zenean. Erlijioaren eraginez, politikariak eta irakasleok (apaizak, idazleak, artistak etab.) barregarriak direla ikusteko ez zen gauza izan. Euskal kultura, herri kultura den neurrian, dibertigarria dugu. Ihauteriak, herri jaiak, bertsolariak, trikitilariak eta enparauak ditugu gurean barrearen amoranteak. Aldiz, euskal kultura jasoa eraikitzen dugun heinean, seriotasuna nola goibeltasuna ere hasten (eta hazten) dira gure artean. Modernitatearen osteko tristeziak erakarrita, etsipenaren xarmak erretretan dagoen gizartea osatuz badoa. Ase dagoenaren gerorik eza. Donostiako gure auzoan dugun hilerria da eredua. Haren aurrean eraiki zituzten etxebizitzak eskaintzeko ezarri zuten afixak honela zioen: “Etorkizunari begira” (gazteleraz soilik, noski). Horren azkar saldu ziren, legezko itzulpenik ez baitzen inoiz burutu behar izan. Herriak barre egin zuen. Dohainik. Jacques Derrida entzuteko aukera izan genuen Filosofia eta Hezkuntza Zientzia Fakultatea sortzen ari ginenean, Donostiako Zorroagan. Aurretik aski ezaguna bazen ere, guretzat ordutik gehiago, eta, ondorioz, haren idatziak izan ditugu lagun pentsamenduaren eta idazkeraren ahalmenak berarekin daraman eztenaren ziztadaz kutsaturik garenok. Orain, UPV/EHUko fakultate hura Ibaetan dagoelarik, irakurtzen duguna eta orduan aditu geniona desberdina dela adierazteko garaia heldu da. Derrida hil zela-eta, hedabideetan “deserai- kuntzaren” nahiz “desberdintasunaren” filosofoa joan zaigula irakurri dugu, eta pentsamenduaren kritikari hark ekarritakoa suntsitze bidean dagoela ematen du. Hona hemen, bada, interesa duenarentzat, Derridari buruzko nire begirada diferitua. L'écriture et la différence testuan, Derridak neografismo bat asmatu zuen: différance. Hitzaren bigarren e-a idatzi ordez a idaztearekin batera, berdin ahoskatu arren desberdin irakurtzen zela nabarmendu nahi izan zigun. Letra baten aldaketa dela medio, hain zuen, idazketak, bere mututasunean, baduela esaterik ahotsak ozenki adierazten ez duena. Différance, berez, ez da ideia bat, ezeren hastapenik, ezta kontzepturik ere... baina zerbait behar du izan, idazterik dagoenetik bederen. Aljerren jaiotako juduak zioenez, différance latinetik (differre) eratorritako hitza dugu; alde batetik diferitua (denboraz atzeratzea), eta bestetik desadostasuna (polemos/diferentzia) ulertarazteko baliagarria. Idazketak, beraz, denboran nahiz iritzietan ahozkotasunaren egunerokotasunak sortu ezin dituen eztabaidak plazaratzen dizkigu. Edo, beste modu batera esanda, esaterik ez dagoena idatz daitekeela, eta, garrantzitsuena, erabilitako bi erregistro haien artean azaltzen den desberdintasunak Mendebaldeko pentsamenduaren logofonozentrismoa kolokan jartzeko balio duela. Baieztapen honetatik abiaturik idatzi zuen Derridak De la Grammatologie, azalean Heideggeren “destruktion” kontzeptuaren aurka (handik berak egokitutako “deseraikuntza”), baina, funtsean, mintzaira monologikoan oinarrituriko filosofia klasikoaren eraikuntza agerian uzteko (Le monolinguisme de l'autre). Jardun horretan aurkituko du bestearen munta (Altérités; L'oreille de l'autre; Pysché Inventions de l'autre) aldarrikatzeko premia (Cosmopolites de tous les pays, encore un effort! ). Baina, normalean zabaldu ohi denaren kontra, eta nire iritziz, nekez izango dugu Derrida posmoderniaren aitzindaria edo deseraikuntza izeneko metodo filosofikoaren asmatzailea. Izan ere, idazlea eta pentsalaria ez zen inolaz nihilista, eta ustezko deseraikuntza, metodologia baino gehiago, pentsamendua irakurtzeko nahiz sortzeko tankeraren bat besterik ez da. Ildo beretik, nire harridurarako, Derridak pentsatzeko proposatutako ikuspuntua anakronikoa zela irakurri behar izan nuen (Berria, 2010-10-04). Deseraikuntza, gramatologia, desberdintasuna eta hark erabilitako beste zenbait hitzen antzera, testuingurutik kanpo aipatzeak beren zentzua galtzera garamatzala begi bistakoa da, eta goazen, bada, Derridari buruz idatzitako hauek deseraikitzera, haiekiko desadostasunak eta diferentziak agerian uzteko. “Ez gaude garai baten barruan bakarrik, adin asko ditugu batera eta anakronikoki bizi gaitezke. Garaikidea izateko anakronikoa izan behar da” esaldia eskaintzen zaigunean, ezkutuan geratzen da anakroniak dituen esanahi desberdinen artean kronotopiaren zentzua dela testuak heldu nahi duena. Hau da, pentsatzeko darabiltzagun hitzak ez direla gureak, ez eta oraingoak ere, bakoitzak bere historia duela eta, beraz, gure esana lehenaldikoa bezain orainaldikoa den neurrian, dugun oraina ulertzeko ahalik eta adierazgarriena behar duela izan. Une eta toki guztietarako balio ez duelako, hain justu (hau da, guztiz anakronikoa ez baita). Le monolinguisme de l'autre argitaratu zuenean (1996an), telebista eta psikoanalisia kritikatu zituen modu bertsuan, eta hizkuntzan betidanik eta betirako aurkitu daitekeen betiereko esanahiaz trufatu zen. Baldin eta europar etnozentrismoaren eraginez idazkera on bat bada adierazitakoa eta adierazlearen arteko harreman zehatza emateko gai dena, Derridaren jarrera idazkera gaiztoaren aldekoa da: desadostasunen eta desberdintasunen bidez (différance) gogamena jazartzea. Gogoetarako bide hori Gramatologia litzateke. Zertzeko bidea, berriz, deseraikuntza delakoa. “Ez dago différance bestea ez badago, bestea ez da izango berezkotasunik gabe, eta ez dago berezkorik oraina zein espazio zehatzez kanpo” zioen. Kronotopia noizbaiteko askatasunaren nagusitzea dugu. Betiko nahiz egungo askatasunaren eskasia azalean uzten duena eta, halaber, etortzeko dagoena betirako izango ez denaz ohartarazi nahi diguna. Historia oraindik egiteke daukagulako. Zorroagan, Derridarekin batera, filosofiak ez duela gogoetarako aukerarik ematen jabetu nintzen. Ibaetan, Jacques Derrida hilik, gogamen askeak eztabaida eta poesia, idazketa eta irakurketa berriak behar dituela jabetu naiz. Ez dezagun, beraz, Derrida hil. Hilda dago jadanik. Anakroniko izango da, nahi izanez gero, baina guregan dago. Hizkera anakronikoa eta zabor kultura Gutxi dira, Marcel Prousten modura, idazle bihurtzen duen idazteko grinaren bidezidorra aztertzeko bere literatura osoa eskaini izan dutenak. Hizkera anakronikoa baztertuz eta modako zabor kultura gaindituz. Berak erakutsitakoa, ordea, baliagarri suertatu zitzaien, esate baterako, Samuel Becketti edo Gilles Deleuzeri, zaletasunak zein zailtasunak idazlearen nahiz gogoetagilearen eraikuntzan zernolako oinarriak dituen azaldu ahal izateko. Izan ere, ba al dago ikasterik idazle bilakatzeko? Nondik abiatuta eta zeren bidez ikas daiteke idazkuntza literarioa? Eta, egitekotan, zeintzuk lirateke horrelako ereduak eta ibilbideak? Hala Irakurketaz nola Jean Santeuil nahiz À la recherche du temps perdu saiakera/eleberrietan haiek dira jorraturiko gaiak, hurrengo lerro hauetan, gure neurrian eta gure beharretarako, ikergai hartu ditudanak. Ez baita horren erraza idazketa ona eta txarra bereiztea. Proustek berak, adibidez, lehen esan dugun bezala, bere poltsikotik ordaindu behar izan zuen À la recherche du temps perdu horren lehenengo liburukiaren argitalpena, Gallimardek kaleratzeko ontzat eman ez zuelako. Zenbait idazketatan ongiaren eta gaizkiaren arteko desberdintasuna ez da hain argia, baina, hura kontraesana!, norberaren gustuko idazleen artean bereizketa garbia da oso. Egia da estetika ezin dela argudiatu, baina argumentu edo gai batek begi bistan jar dezake idazle on bat. Estiloak ere bideratzen du irakurketa jakin bat gustukoa izan ala ez. Eta, halaber, gustu onak nola ikas, edo, zehatzago oraindik, nola irakats daitezke? Idazketak zenbat du sentimenduetatik jasoa eta zenbat, berriz, arrazoiaren bidetik eskuratua? Ezin jakin, bere gordinean, baina, norbaiti nobela beltzak gustatzen bazaizkio etikoki edo estetikoki onak direnik esaterik ba al dago? Jakin, badakigu, gauzak ez ditugula jotzen gustuz ederrak edo onak direlako, alderantziz baizik. Hau da, gustagarritzat hartzen ditugun neurrian bihurtzen ditugula polit. Etikan eta estetikan. Beraz, bizitzan gustatzen zaigunaren irudikapena da estetika. Ez dugu, bada, jakintzaren arlo soltea, etikarekin batera doan jarrera baizik. Nolabait adierazia, ona denak ederra behar du. Baina, alderantziz ere esan genezakeen: bikaintasunak ez duela zerikusirik moralarekin; aitzitik, inor gustagarria izan daiteke eta, era berean, gaiztoa izan oso. Honela, etika eta estetika gauza bera ez baldin badira, ezaguera bat baino gehiago ditugu erakusgai eta adimen mota asko legoke. Hau da, hizkuntzaren trebezia duenak ez du matematiketan zertan eduki; gorputzez eta izaeraz kementsuena dena ez da, derrigor, espazioa antolatzeko gai izango; eta musikarako dohaintsua dena, berez, ez da izango, agian, bizitza kudeatzeko gauza. Eta, lehenengora itzuliz, zer irakatsi behar da adimen horiek lantzeko? Prousten hezibide literarioa: Ezaguera horiek guztiak irakatsi ezin baldin badira, erakustea bidezkoa litzateke beharbada. Zeren eta ez dago ezaguera denak ezagutaraziko dituen irakaslerik, erakasle bihurtu gabe. Alde batetik, bizitzan garrantzia duen guztia norberak ikasi behar duelako, eta bestetik, norbere eta besteen onerako irakasten denean, besteari ebatsi egiten zaiolako ikasi ahal izateko aukera. Baina, aldiz, ez da zilegi esatea ezer ez dela irakatsi behar. Besteak beste, hori ere ez baita posible, bizitzan ezin delako bizi ezer ikasi gabe. Areago, gehienetan, konturatu gabe ikasten ari gara, etengabe. Korapilo honen berri ematen digu Proustek bere eskaintza literarioan. Hala, aipatutako Irakurketaz (John Ruskini eginiko hitzaurrean) nola Jean Santeuil nahiz À la recherche du temps perdu testuetan idazle bilakatzeko erakusketa hausnartua ematen digu. Irakasterik ez dagoena bere protagonistek nola ikasten duten dugu gaia, eta haren zehazkizunen azalpenaz gogoetatzen du literaturaren subjektuaz idatzitako saiakera bezain nobela diren maisulanetan. Prousten pertsonaiek literatura maite dute, eta behar bezala irakurri eta idatzi nahi izaten dute. Hala eta guztiz ere, desioa handia izan arren, ez bide dute hura erdiesterik. Eta gogo horri muzin egiten ez badiote ere, ezin dute idazkuntzarako beta eman. Ez omen dute horretarako denborarik, baina, idazteko grinak iraun egingo du, dena den. Une jakin batean, ordea, idazteko itxaropena guztiz galdu dutenean, buruan ezertxo ere ez dutelarik, ideien elkarketa baten bidez, bizitutako egoera lasai batez gogoratzen dira, eta, bizipena bera berreskuraturik, zertaz idazterik ba- dutela argitzen zaie. Argi honek ezintasunaren leize zulotik irteteko bultzada emango die, eta, horrekin batera, idazten hasiko dira. Idazketa haiek, aldiz, ez dira izango bizitzan gertatutakoaren berri emateko, errepikatzeko besterik ez, birbizitutakoa era berri batez emateko baizik. Hortxe dago gakoa. Zeren idazketaren ariketaren bidez, literatura dela medio alegia, ezagutzeko modua ere lantzeko aukera irekiko dute eta. Beste ildo desberdin batzuetatik baina filosofiaren arloan, hura argituz aritu ziren M. Foucault, J. Derrida eta G. Deleuze, ideien idazkuntza ikertzen, hain justu. Ideiak ez baitira asmakizunak ezta aurkikuntzak ere. Ideia ez da egiaren sinonimoa, zeren norbanakoaren hautematetik datorren esperientzia paradoxala dugu ideien iturburua. Paradoxa, jakina den bezala, aurreiritzia, saiakerarako abia-puntua da hain zuzen. Kontzeptuak, ordea, Gilles Deleuzek zioenaren ildotik “gauzak, arloak, mugak, koloreak edo abiadurak izan daitezke”, ez daude inoren buruan filosofian baizik. Aitzitik, ideia arazoaren muina dugu: buruhaustea bera. Hura oinarritzat hartzea da ezagutza helburu duen literaturaren egitekoa. Idazkera ezagueraren bidea da. Baina horretarako arrazoiak ez du berezko baliorik. Ez eta dialektikak ere. Alderantziz, Prousten pertsonaien berreraikuntza idazteko aukera irekitzen zaie ezertaz pentsatzen ez dutenean. Eta pentsamendu berritzailea eraikitzea lortzen dute, metaforen bidez, errealitatearen deseraikuntza egin ondoren, idazketa dela medio, birsorkuntzari ekiten dietenean: “Metaforaren miraria, lotura zer izango den adierazten duen logo komuna: deskribapenetik ihes egitea; artearen lana kontzeptuaren lanera hurbiltzea: horixe da Recherche-ren azken kausa nagusia” dio Víctor Gómez Pinek. Ideiatik, bada, mezua, leloa edo esakunea eratorriko da, ariketaren muina. Eta honek, aurretik esan bezala, “bizitza mundanotik” eskuratu ohi ditugun adimenetatik at egotea eskatzen du. Ohiko irudikapen errepikatuetatik ateratzea ahal izatea da, beraz, literaturaren bidez pentsatu ahal izateko funtsezko baldintza. Platonek, kobazuloaren mitoan definitu zuen ezaguera alboratzea litzateke, bada, adimen hau lantzeko aukera bakarra: “Proustek darabilen adimena ez da ez arrazoibide logikoa ez a irudikapena soilik. Adimena bizitza espiritual gisa hartzen da, hau da: gaitasun guztien (sentikortasuna, irudimena, ulermena eta arrazoia) lotura eta inplikazio gisa, benetako objektibotasuna onartzen duen ekintza batean. Egintza hori Recherche bera baino ez da. Liburu horretan, hizkuntzak bere burua aurkitzen du, eta, aldi berean, gizakien ahalmenek bere izerdia eta sorlekua erauzten dizkiote”, zioen Victor Gomez Pinek. Bizitzaren zentzua bilatzeko eta garatzeko, idazlanean testu joriak bezain desberdinak sortzen eta biltzen hasiko da Proust, Roland Barthesek esango lukeen bezala, baliagarria izango zaion neurrian, idazkera literaturatzat harturik. Zeren, Ahurtin bizi eta zendutakoaren arabera, “testu guztiak dira, era berean, behin behinekoak eta betirako” (Théorie d'ensemble). Horregatik, idazle bakoitzak hartu beharko lituzke bere testuak beste baten izkribuak balira bezala, erabiltzeko, aipatzeko edota berregiteko. Literaturari buruzko gogoetak esanahien sistemaz hausnartzea eskatzen du, ezinbestean, hizkuntza baita, beti, gogoetagai dena. Arteak, baita literaturak ere, ez du ezer erakutsi behar, ikusiezina azalarazi baizik (La littérature, aujord'hui). Mota honetako idazkerak, Platonen harpetik kanpoko argitan oinarritzen denak, munduari berba eman behar dio. Samuel Beckettek idatzitako Proust saiakera hartan bere nitasunaz aritzeko bidea erakutsi zuen. Literaturaren bidezko ikerketa ere zertan datzan erakutsi zigun, zeren idazketa horretarako bidea baita. Hori dela-eta, 1938an kaleratutako Murphy eleberrian nabarmena da Spinozaren itzala, ezagutzarako adierazpen umoretsuaren aldarria. Geroko idazkiek, askoz zailagoak, ekimen honen konplexutasunaren berri ematen dute, inoiz ere etsi gabe. Prousten antzera, paragrafo luzeak, adjektiboak hirunaka... berrikuntza imitaziotik datorrenean ezin da emankorra izan. Ez baitago eredurik, ezta norberaren aurkikuntzatik abiatzen dena ere. Saiatzea da bidea, saiakela ahalegina, etengabeko sorkuntza adierazpenak munduaren berreskurapena dakarrelako. Eta irakurketa berri bakoitzak mundu berri bat irekitzen baitu. Eta, beraz, istorioen bidez saia daiteke hausnartzen filosofiaren bidez bezainbeste. Claude Mauriacek esan zigun: “Proust Picasso aurreko idazlea da”, idatz dezagun Platon eta Picasso gainditurik, ustez bizitutakoa baina ohiko ez denari erreparatuz eta, kobazulotik kanpo, begirada diferituari kasu eginez. Derridaren postura, Proustena bezala, unibertsalkeria platonikoen aurkakoa izan zen, idaztea, bizitzaren antzera, ikasketa singular modura hartzen zutelako. Pierre Klossowskik erakutsi zigunez, berbak nahiz izkribuak bilakagai dira, irudikapenik gabe, sentitzea, pentsatzea eta adieraztea ezinezkoa baita idazten ikasteko eredurik ez badago ere, eta, bakoitzaren berrikuntza zertan datzan jakiteko norberaren ikerketa egitea ezinbestekoa izan arren, Prousten adibideak, ikasketa ilunez harago, ahalik eta hoberen idazteko desira iraunarazteko eta idazkeran saiatzen aritzeko nondik norakoa erakutsi zigun, Swanen bidean. Baina, Jean Paul Sartrek zioen moduan, “Idazlea bere garaikoa da. Nire aburuz Flaubert eta Goncourt Parisko Komunaren ondorengo errepresioaren erantzuleak dira, horri buruz lerro bat bera ere idatzi ez zutelako”. Idazlea ez da anakronikoa, toki jakin batetik idazten du hautatutako hizkuntza jakin batean. Sartre zendu zenetik urteak pasatu arren, haren itzal intelektualari buruzko hamaika saiakera ari da argitaratzen oraindik. Batzuentzat filosofoa izatera iristen ez zen idazle polemikoa genuen (gogoratu Goragalea juduen jazarpen giroan eta Hitlerrek Austria bereganatu zuenean plazaratu zuela). Besteek, berriz, bere jakintza arloan, existentzialismoari egindako ekarpena nabarmendu nahi izan dute bereziki (Kierkegaard eta Husserlen fenomenolo- gia Freudekin nahasi, norbanakoaren kontzientzia subjektibitate huts gisa aldarrikatuz). Bakar batzuek, ordea, haren jite politikoaz nahiz jarrera erradikalaz ohartzen gaituzte (68ko Maiatzaren giroa eta Vietnamen aldeko apustua gogoratuz). Aipatu iritzi eta jarrera gehienek, halere, berak erabiltzen zituen betaurrekoen antzera pertsona eta emana artifizialki bereizi nahi izateagatik, Sartreren errealitate historikoa desitxuratu egiten dute, modaren araberako irudia marraztuz. Jean Paul Sartreren inguruan (1905-1980) istorio gehiegi korapilatzen zaizkigu egun. Izan ere, Sartre pertsonak haren literaturak asmaturiko pertsonaia ematen du, baina ustezko irudi hura ezin da beti erraz frogatu. Zabaldu den ohiko iritziaren kontra, zalantzan jartzen da gaur egun nazien aurkako borrokan erresistentziarekin lerraturik egin zuela. Gerra hotzaren erdian Alderdi Komunistaren aldeko bere konpromisoa oso puntuala izan zela eta abar... Edozein modutan ere, erakutsitako jarrera pertsonal aldakor guztietan, haren izkribuetan etengabe agertzen den askatasuna kontzeptua bera antzematen da. Gizakia, lehenengo Sartreren aburuz behintzat, kontzientziaren eta izatearen arteko kontraizanean ekoizten da, dialektika ezkor batean. Horregatik, askatasuna dugu etikaren funtsezko hastapena. Bai gizabanakoa, baita gizartearen iturburua dena. Arrazoi dialektikoaren kritika (1960) irakurri nuenean, giza harremanei buruzko orduko ikuspegi ekonomizista gainditzen erakutsi zidan, gizarte zientzietan ikuspuntu antropologiko berria bultzatuz. Berrikuntza teoriko honen ondorioak izan ziren, besteak beste, Francois Chatelet, Michel Foucault, Paul Ricoeur eta moderniaren proiektua birrintzen arituriko beste zenbait idazle. Sartre, aldiz, modernoa izanda ere (askatasunaren militantea), moderniaosteko giroarekin zubia egiten zuen moderniaren azkenetariko intelektuala izan genuen, anakronismoz kanpo. Askapen bidean gabiltzan herriek eta kulturek eskertu behar diogun eragin politiko eta intelektuala Mendebaldeko arrazoia eta errotik aldarrikatzen den askatasunaren arteko lotura dialektikoa da. Txillardegi, adibidez, Sartreren itzalpean hazitako idazlea dugu. Haren zeharkako begiradatik mundua irakurtzen eta beti itzultzen ibilitakoa. Teoriak balio duelako. Horixe irakatsi zidan Pierre Bourdieu idazleak, zendutako unibertsitate irakasle eta kultur eragileak. Hizkera arruntean edota akademikoan ere theoria hitz grekoaren esanahiari berezkoa eman beharrean (errealitatea begiratzeaz gain, berau ikusi ahal izateko gaitasuna...), mespretxuz eman ohi zaion zentzuan teoria da praktikarako baliagarria ez den ikuspuntua. Bourdieuk erakutsitakoaren arabera, berriz, behar bezalako gizarte teoriarik gabe, dagoenaren berrekoizpenari besterik ez diogu ekingo, nahitaez. Hau da, errealitatea eraldatzeko bidean Teoria ez da soilik bidaide izan behar (proposamenen zio ideologiko hutsa balitz bezala), argibide eta ikusmira baizik. Izan ere, haren hitzetan: “errakuntzak eta hutsak batera doaz” (Questions de sociologie), eta ezin da Teoria eta Praktika bereizi gizarte ekintzetan. Teoriak balio praktikoa du (Le sens practique. Minuit, 1980) eta erabiltzen dugu gizakion portaera sozialak eraikitzeko (La distinction. Minuit, 1979). Horregatik, kultur klasea dagoenik onartzearen partez (kultura eguneroko bizitzari atxikitzen zaion zerbait bailitzan...), klase kulturaz hitz egingo digu (La reproduction, 1970), heziketaren bidez, besteak beste, estrulturalki eraikitzen dena. Gizarte ikertzailearen funtsa, eta idazlea hori besterik ez da, teorikoa da praktikoa den neurrian. Hau da, berak adierazita, “kritika praktikoa” egiteko baliagarria den neurrian. Beraz, egungo gizartearen birmoldaketak klase zapalduen ordez ekarri duen gizarte bazterkeriari antzemateko gauza izan zen, baita haien alde tinko agertzeko ere, telebistak bereziki, baina mediak, oro har, gizarteratzen duten bortxakeria sinbolikoa aztertzen eta salatzen aritu. Bourdieuk hautsi eta, era berean, garaitu egin zituen Durkheimen idazkiak, zeinetan “gizartean egitateak gauzak besterik ez diren”... (Le métier de sociologe, 1968), ekintzaren eta egituraren artean Mendebaldean dugun bereizketa formala gaindituz. Bere ikerketen hastapenetan, Afrikan amazighen arteari lan egiteak ahalbideratu zion kultura eta gizartea batera antzeman ahal izatea, eta, bide berean, teoria praktikarekin uztartzeko mezu trinkoa bere azterketa guztietan islatzea. Bourdieuk kapital kultural eta sinbolikoak duen garrantzia azpimarratzen zuen bere erreprodukzio kontzeptuaren bidez, eta faktore ekonomikoei emandako lehentasuna kritikatzen. Nabarmendu nahi izan zuen nagusitasunezko posizioan dauden agenteek beren ekoizpen kultural eta sinbolikoak inposatzeko duten gaitasuna funtsezkoa dela menderatze harreman sozialak birsortzeko. Pierre Bourdieuk indarkeria sinboliko deitzen duena, hots, produkzio sinbolikoaren arbitrariotasunari kasu egiteko gaitasuna landu zuen, eta, beraz, zilegi zer den onartzeko gaitasuna bere idazkien bidez ikertu. Gaztetan aztertutako amazighen kulturak bere jatorrizko Okzitaniakoari ere kasu egiteko balio izan zion. Esan daiteke okzitaniarra zela ulertu zuela Afrikako iparraldean. Antzerakoa gertatu zitzaion nire Faustoren itzala horretan azaldutako Werther protagonistari, zeina saamiarra zela ohartu zen Euskal Herrian zegoela. Hizkuntzaren higadura eta egiaren desagerpena Nola idatzi hitzek beren esanahia galdu dutenean eta Historiaren egia ere zalantzan jartzen denean? Fake News-ak ez dira atzo goizekoak saiakera aurkeztu nuen 2020an, gezurraren erabilera politikan oso aspaldikoa dela eta zurrumurruak gizarte baten adierazle direla gogoratu ahal izateko. Gezurraren eta albiste faltsuen kontua aspaldikoa da, baina fake news direlakoak boladan daude, izan ere, 2017an, Collins hiztegiak urteko kontzeptu hedatuentzat jo zuen —aurreko urtean egia ostea izanik—. Egia esanda, Ilustraziotik sortutako informazio sistemak krisian daude hedabide tradizionalak desagertzeko arriskuan daudelako, piramide demografikoa aintzat hartuz gero behintzat. Beste sistema berri batzuk sortu dira. Lehen ahozkotasunean erabiltzen ziren antzeko eskemak sare sozialetan erabiltzen dira orain, eta horietan egia nola eraikitzen den aztertu behar da. Liburuan, adibidez, 1984ko ZEN plana (Zona Especial Norte) ageri da. Ekintza psikologikoek jarraipena izan zutela gero Ajuria Eneko Itunarekin eta Aljerreko elkarrizketetan. Garai hartan, Andres Cassinellok, ZEN planaren buruak, AEBek komunismoaren kontra erabilitako sistemak —mcarthismoa— ekarri zituen hona. Istorio faltsuak zabaldu zituzten AEBetako aktoreen, gidoilarien eta intelektualen aurka. Istorio bat eraikitzen zuten halako albiste faltsu bakoitzarekin, literatura egiten zuten haien diskurtsoak oinarritu ahal izateko. Planteamendu horiek II. Mundu Gerratik zetozen: Kalifornian japoniarrek Pearl Harbour-en aurkako bonbardaketa egin ondoren zurrumurruak zabaldu zituzten jatorri japoniarra zutenen amerikarren aurka, eta atxilotu egin zituzten asko. Narrazio sinesgarriak egoten dira horien atzean. Michel-Louis Roquettek zurrumurruen inguruko sailkapen bat proposatu zuen doktore tesian. Pertsona gertuko eta maitatu batek zerbait txarra egiten duenean, horrek eragiten du gehien. Areago izaten da, ordea, informazio hura lotzen bada gaixotasun batekin, sexuarekin, diruarekin edo gorde nahi duen sekretu batekin. Kontrastatu gabeko zurrumurruak gizarte baten adierazle dira. Baita aztertzaileak ere, balio dute bizi dugun gizartea aztertzeko. Egun, etorkinei buruzkoak, pandemiaz zabaldutakoak eta ekonomiakoak aztertu beharko genituzke. Liburuan diot informazio faltsu bat gezurtatzeak bere horretan ez duela ezertarako balio. Har dezagun, adibidez, Javier Marotok (PP) Gasteizen etorkinez esaten zuena eta egun ere diru laguntzen inguruan esaten duena. Horri arrazionalki soilik datuekin erantzuten badiozu, jendeak agian gauza bera pentsatzen jarraituko du. Funtsean, zurrumurruek funtzionatzen dute jendeak hori sinistu nahi duelako, eta arrazoia ematen diolako. Kontra egiteko, muin semantikora jo behar da. Zer dago azpian? Kasu horretan, bertakoen beldurra ea kanpokoek agortuko duten laguntzetarako dagoen dirua. Baina ezeztatze hutsak, berez, zabalpen handiagoa ematen dio albiste faltsu bati. Beste erantzun mota bat behar da. Beraz, edozein albiste faltsu sinistuko dugu, baldin eta gure alde jokatzen badu. Horretan oinarritzen da gaur egun estrategia komertzialaren gehiengoa, baita propaganda politikoa ere. Horri “gizarte harremanak” deitzen diote. Enpresa baten gizarte harremanen arduraduna da betidanik propaganda burua izan ohi dena. Bai Bolsonarok bai Trumpek erabili zituzten datuak ez ziren ohikoak izan; normalean aurreko bozetako datuak hartzen dira aintzat. Sistema berriek aukera ematen dute denbora errealean ezagutzeko bozkatu dutenek eta bozkatzen ez dutenek zer nolako gizarte joerak dituzten. Haiengana mezu sinple batekin zuzentzen baldin bazara, irabaziak dauzkazu. Egunotan halako praktikak gertatzen dira; esaterako, zertan ari da egunotan Espainian eskuin politikoaren estrategia komunikatiboa? Egunero botatzen da faltsua den zerbait. Zenbait kazetari frogatzen aritzen dira gezurrak direla, baina jende askok ez dituzte irakurriko. Ezin da soilik datuekin eta ikuspegi arrazionalarekin erantzun. Beraiek ulertzen duten sistema semiotikora joan behar da, eta kanala bilatu haiengana iristeko. Kazetariek eta idazleok ardura dugu egoera horri aurre egiteko. EITBk joan den urtean kazetari eskola moduko bat sortu zuen, albiste faltsuei aurre egiteko. El Paísek graduondo bat antolatu du horretarako, baina hori El Paísek duela zortzi urte planteatu du, 500.000 ale saltzen zituelako, eta egun 50.000 besterik ez. Kazetariek, beste herritarrok bezala, antidogmatikoak eta eszeptikoak izan behar dute, eta egia borrokatu. Bertsio ofizial asko fake-ak izan dira. Katalanen aurka egin diren epaiketekin egia bat ari dira eraikitzen. Hori hemen 18/98 auziarekin gertatu zen: Espainiako estatuak idatzi zuen euskal gatazkari buruzko historia formala eta legala; literaturan Patria dena, juridikoki 18/98 auzia izan zen. Orain, gauza bera egiten ari dira katalanen epaiketarekin, eta historia legal bat eraikitzen dute, fake izanda ere. Beraz, gezurraren erabilera gure historia pertsonalarekin eta gizartearen historiarekin, kulturalarekin eta, noski, politikoarekin bat dator. Alegia, mundua ulertzeko narrazio ulergarri bat ematen digute. Bizitza ulertu ahal izateko, bizitzaren zentzua eta norabidea ere, nondik norakoa, jakin ahal izateko Historia nondik nora doan. Jacques Derridak bere Historia de la mentira mintzaldia egin zuenean, 1995ean Buenos Aireseko unibertsitatean, oso egoki adierazi zuen hau, eta, planteatu zituen ikuspegien artean, asko baitira, bi edo hiru erreferentzia emango ditut bakarrik. Hasieran, Derridak aipatzen du Platonen elkarrizketa bat, non Sokrates azaltzen den, nola ez..., eta eztabaidatu egiten du sofista batekin, Hipias Gaztea izeneko batekin. Bi gauza esaten ditu Platonek Sokratesen ahotsaren bidez. Lehenengoa: gezurra ez du esaten bakarrik ez dakienak. Demagun astronomian, gehien dakiena astronomiari buruz, hori izango da ziurrenik gezurra esan ahal izateko egokiena. Beraz, jakintza eta gezurra batera joan daitezke, esaten zion Hipiasi. Eta, era berean, esaten zion: zer dira jainkoak eta jainkosak greziar gizartearen aurrean? Jainkoak eta jainkosak ez dira, hemengo jainko monoteistak bezala, moralarekin batera doazenak, ez. Grezian jainkoek eta jainkosek denetarik egiten dute, baina funtsean egiten dutena gezurra da, gezurra eta gezurra erabiltzea gauza guztietarako. Orduan, zergatik dira jainkoak eta jainkosak, eta zergatik dira askoz ere indartsuagoak gizakiak baino? Indar gehiago daukatelako? Ez, gezurra erabiltzen dutelako. Zeren gizakiek ezin dute gezurra erabili, morala, etika eta filosofiak direla medio. Hori da Sokratesek Hipias Gazteari esaten ziona. Edozein modutan ere, Derridak esaten duena da gezurra benetan gezurra izateko nahitaezkoa izan behar dela, benetan nahita egindakoa, intentzionala. Bestela huts egitea edo errakuntza izango zela bakarrik. Eta errakuntza da objektiboa den zerbait, baina gezurrak, aldiz, subjektiboa behar duela izan. Funtsean, nahita bideratutakoa. Nik, aldiz, uste dut gezurretan bizi garela. Gezurrekin batera, eta jakin egin behar dugula gezurrak nola funtzionatzen duen, moralaz haratago. Horregatik, behin baino gehiagotan diodanez, ez dugu ulertu behar istorioaren egia, baizik eta egin behar dugu egien historia. Alegia, egia bakoitzaren historia. Gezurraren historia, teoria eta, halaber, soziologia behar ditugu, beraz. Izan ere, jadanik dakigunez, Mendebaldean oinarrizko mitoa den Bibliako Genesian, sugeak Evari fruitu debekatua jan behar duela aholkatzen dionean, gezurra esaten diola Jainkoaren paradisutik irten dadin eta, handik kanpo, Adanekin batera, gizadiari hasiera eman diezaion. Gezurra dago, bada, giza komunitatearen hastapenetan. Literatur paradigmaren aldaketak Literatura hizkuntzaz “egina” dago; haren “lehengaia” da hizkuntza. Horregatik, Roland Barthesen postulatu enfatikoa (1990): “...objektu autonomoa den arren, hizkuntzalaritzatik abiatuta aztertu behar da diskurtsoa; diskurtsoa esaldi handia litzateke, eta esaldia, aldiz, diskurtso txiki bat besterik ez”. Hizkuntzalaritza, testu azterketen erreferentzia esparruan, filosofiari dagozkion pentsamenduaren bi korronterekin ordeztua izan da: fenomenologia eta hermeneutika. Biek izan dute gero eta eragin handiagoa XX. mendeko pentsamenduan; aldi berean, haien garapenek atzean utzi zituen lehen postulatuak, ezen fenomenologia edo hermeneutika bera ezin baitira erabili harik eta haien irismena definitu arte. Politika, soziologia, psikologia, psikiatria eta, hemen gehien interesatzen dena, literaturaren kritikari buruzko interpretazio fenomenologikoak garatu dira. Bere transposizio eta aldaketa guztiekin, fenomenologiak gaur egungo filosofiaren pentsamendu eskola garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen du. Era berean, hermeneutika garaikidea, mugimendu definitu bat baino gehiago, “atmosfera” orokor bat da, pentsamendu anitz eta handiak biltzen dituena. Paul Ricoeur bera, bere burua fenomenologo-hermeneuta gisa definitzen duena, korronte filosofikoetako autore heterogeneoekin batera sartu ohi da: Michel Foucault, Jacques Derrida, Otto Apel eta Richard Rortry. Fenomenologiatzat hartzen zen, eskuarki, itxuren azterketa filosofikoa. Gaur egun, honela definitzen da: esperientziaren egiturak kontzientzian agertzen diren bezala deskribatzen dituena, teoriara, dedukziora edo beste diziplina batzuetatik, hala nola natur zientzietatik, datozen suposizioetara jo gabe. Edmund Husserl, bere Ideiak liburuan (1913), fenomenologia garbirako sarrera orokorraren eta fenomenologiaren sortzailea dugu: “Ezagutza gaituko duten kontzientziaren egiturak aztertzea, objektuei beren kasa so egiteko”. Azterketa horrek adimenari buruzko hausnarketa eskatzen du, adimena ez den guztia baztertzeko. Husserlek “murrizte fenomenologikoa” deitu zion gogoeta mota horri. Gogamenak aztertzean egiaztatu zuena gogoratzea, desiratzea eta hautematea bezalako ekintzak izan ziren, baita ekintza horien eduki abstraktua ere, “esanahiak” deitu baitzien. Esanahi horiek, aipatu zuen, ekintza bati itxura jakin bateko objektu batengana zuzentzen uzten ziotela, eta esan zuen norabideak, berak “intentzionalitate” deitzen zuenak, ezagutzaren funtsa zirela. Foucaultek hori itzuli zuen. Idazleak mundua itzultzen baitu. Husserlen fenomenologiak ezagutzaren baldintzak oinarritu nahi ditu dimentsio ez-psikologiko batean, edozein kasutatik eta aztarna naturalista eta positibistetatik libre. Fenomenologia, beraz, “azken oinarriaren” aldarrikapen bihurtzen da, subjektuaren beraren intuizioan oinarritzen den funtsa, zeina nahitaezko polo bihurtuta baitago funtsezko esanahien eremuari begiratzeko. Epojearen bidez gauzetatik eta egitatezko arazoetatik salbuesten duen zentzu esparru bat lortu nahi da; hau da, eszeptizismoa lantzea. Metodo horren bidez, Nia intelektualki agertzen da bere egintzak intuizioz kontuan hartzeko, haiekin nahastu gabe. Alegia, guztiz intuitiboa subjektibotasun immanentea dela, eta beti du- dazkoa dela haraindikotasun oro. Hartara, fenomenologia oinarri subjektiboarekiko atzerako bilaketa —amaitu gabea beti— bihurtzen da. J. Derridak garatu zuen ikuspuntu hura. Paul Ricoeurek berak, bere ibilbide filosofikoa pentsamendu korronte horien azalpenaren bidez hartuko du Husserlen lehen postulatuak amaituz eta, bide batez, Hermeneutika baliabide gisa sortzeko. Martin Heideggeren ikusputua onartuz (horren arabera, “munduan izan” hausnarketaren aurretik dator), hermeneutika subjektuari aurka egiten dion objektua barneratzeko erlazio batetik abiatzen da. Lehenik eta behin mundukoak garelako, haren zentzuaz galde dezakegu. Mundua eta gizakia testu amaigabeak izaten dira eta idatzitakoaren antzera irakur ditzakegu, beraz. Ricouerek uste du hizkuntza idatziaren azterketa dela medio uler dezakegula munduaren izaera. Nia, bada, bizitzaren edo haren istorioaren bidez ulertzen da, eta, halaber, edozein narraziok duen zentzua haren denbora garapena dela medio, norberaren esperientziaren arabera, ulertuko da. Autoezagutza ere, beraz, giza esperientziak adierazi ahal izateko erabilitako zeinuen bidez lortzen da, ez baitago hizkuntzatik at adierazterik dagoen sentimenduzko esperientziarik. Ricourentzat, idazketaren bidez diskurtsoa esanahiaz askatzen da, egilearen intentzioaz harago, irakurlearen esperientziaz gain eta testuinguruaren ezaugarrien azpitik. Izan ere, idazketak elkarrizketa gainditzen baitu. Horregatik testuak ulertzea, interpretatzea alegia, mundua ulertzea izaten da, eta alderantziz. Fikzioak errealitatea berregiten duen neurrian, testuak ekintzak eta mundua eraldatzeko ekimenak bideratzen ditu. Literaturak poetikaren egia berriak eraikitzen ditu. Sartrek honi heldu zion bide existentzialista jorratzeko. Horregatik, testu poetikoaren funtsa mezua da, deskripzio hutsa izan daitekeen testu narratiboaren aldean, zeren erreferentzia poetikoak bertan behera uzten du diskurtso deskriptiboaren eta errealitatearen artean dagoen harreman zuzena. Husserlen Lebenswelt (Bizipenen mundua) eta Heideggeren In der Welt Sein (Munduan izan) hizkuntza poetikoan azaltzen dira eta, errealitateaz nahiz egiaz hitz egiteko. Haien filosofia kritikoa eta haietatik eratorritako hermeneutika ere beharrezkoak ditugu. Olga Tokarczuken idazkiak zer dira, poesia, narrazioa, entsegua edo literatura dramatikoa? Haren Prawick i inne czasy (Antaño deitutako tokia) liburuan, “Hemen amaitzen da “Antaño”, haratago ez dago ezer” dio bere pertsonaietariko batek. Besteak erantzuten dio: “Hemendik ezin irtetea da beldur gehien ematen didana”; “Ez kezkatu” dio bere lagunak, “zertarako behar ditugu beste mundu batzuk?”. Bistan da, haietaz pentsatuz biziari eusteko... eta horretarako dugu literatura. Litera hura, idatzitakoa, alegia. Faustok bazekien. Literatur askea Pentsamendua fikziozkoaren arabera ulertzeko eta beste genero batzuekin konparatzeko, kontakizunari buruzko zenbait kontzeptu, heterogeneotasuna eta tramaren boterea kasu, birplanteagarri dauzkagu; izan ere, aurretik eginiko kontakizunek urrunekoak ziren elementuen bateratzera ohitu gaituzte. Ez gara konturatzen, adibidez, nola aurreratzen ditugun usteak kontakizunak hartzen duen norabidearen arabera, nola baztertzen ditugun kontakizunak berak kontrajartzen dituenean, nola ordezkatzen ditugun beste batzuekin, aldaketa zorrotzak onartzen ditugun beste istorio batzuk elkartuz... Alegia, kontakizunak, amaieran, bere helburua lortzean, irudi bateratu gisa uler dezagun lortzea, paradoxikoki, bere izaeraren kontra doa. Kontakizunak naturala ez dena naturalizatuko balu bezala da, eta horrela lortuko balu, esango genuke bere buruaren aurka doala. Metafora biziak, ordea, berrikuntza fenomenoa gordetzen du, nahiz eta narrazioarekin bat etorri, “agerian”: berehala hautematen dugu “arima berria jartzea”, poemak dioen bezala, ezin dela hitzez hitz interpretatu, poeman berrikuntza semantikoa dagoelako. Ia gizateria bezain antzinakoa den narrazioak diskurtso horren ikurren, sinboloen eta testuen bidez eraikitzen du bere buruaren kontzientzia, eta gizakiaren arazo handiekin, filosofiarekin zerikusia duten arazoekin, erlazionatu besterik ezin du egin. Narrazio testuek jorratzen eta konpontzen duten arazoen muina gizakien denbora esperientzia da. Are gehiago, denbora esperientziarekin lotu gabe, narrazioa ulertezina da, hau da, ezin da ulertu; termino arruntagoetan, ez da ulertzen zer den egia. Literaturak entsegugileen, narradoreen eta poeten munduak batu behar ditu. “Mundua galtzen ari den sentimendu hori da orain arazoa. Lehendik ere bazegoen sentsazio hori, baina artistak eta poetak zeukaten bakarrik; oraingo honetan, berriz, sentimendu kolek- tibo bihurtu zaigu”. Honela mintzatu zuen Bruno Latour filosofoa bere azken liburuari buruz (Down to Earth: Politics in the New Climatic Regime. Polity Press, 2018). Azken pandemia dela-eta Bidarteko Udalak galdeketa bat argitaratu du, eta bertan eskatu die biztanleei Covid-19ari lotutako krisia amaitzean kostaldeko herria nolakoa izatea nahi duten hausnartzeko. Bruno Latour soziologo, antropologo eta filosofoaren gogoeta galderetan oinarritzen da galdeketa. Latourek zientzia jarduera aztertuz, eta ikerkuntza etnografiko baten emaitza gisa, La Jollan (Kalifornia) burututako azterketa Bizitza laborategian izeneko liburuan argitaratu zuen, 1979an. Beste garai bateko pandemiei buruz ere idatzi du; 1984an, Les Microbes : Guerre et Paix kaleratu zuen, Louis Pasteurren bizitzari eta obrari, eta baita mikrobioen aurkikuntzari ere begirada berri bat eskainiz. Aurrerantzean bere liburuak, funtsean, teorikoak izan dira, baliagarriak oso, zientziaren eta munduaren arteko harremanei buruz gogoeta egiteko. Horretan sakontzeko, bada, ezinbesteko bihurtu da “itzul- pena”ren kontzeptu berriaz jabetzea. Latourentzat itzulpengintzak bere barnean ditu, negoziazioak, intrigak, pertsuasio ekintzak edota indarkeria ere, eta horiei esker lortzen du aktore batek beste aktoreak atxikitzea. Prozesu horrek hainbat fase ditu. Hala nola, prozesuaren lehen fasean, kontuan hartu behar da aktore batek bere helburuak alda ditzakeela beste aktoreari egokitzeko. Helburu orokorren aldaketa ere har dezakegu kontuan, baina, fase honetan, helburu berriak errazago eraikiko dituzten aktore talde berriak sortzeko aukera ere azter dezakegu. Kontuan hartu behar da, halaber, norberaren interesak eta helburuak berrantola ditzakegula ikerketaren bidean edozein zailtasun gainditzeko, eta, azkenik, hori bera prozesuan ezinbesteko tarteko urrats gisa har daitekeela. Oro har, ikusi dugunez, kontuan hartzekoa da, ildo beretik, itzulpen prozesua bide agonikoa dela, amaierarik ez duena, bukaerarik gabeko ahalegina eskatzen duela, eta, azkenik, ez dela inoiz burutzen. Idazleak mundua itzultzen saiatzen gara. Beraz, hala epistemologiatik (zientziaren filosofiatik) nola politikatik ere (soziologikoki ikusita), munduan egoteko (bizitza eraldatzeko) garai bateko poeten jarrera (nahiezintasunaren sentimendua) ezinbesteko bihurtu zaigu dagoeneko egiteke daukagun pandemien bizimodu egokia erdiesteko. Literaturarik, itzulpengintzarik eta poesiarik gabe, bada, mundu berririk ez baita izango. Esan daiteke Philip K. Dickek idatzitako Androideek ardi elektrikoekin amets egiten al dute? eleberria Ridley Scottek 1982an zinemara eraman zuenean, orain horren boladan jarri diren distopien paisaia asmatu zuela. Edo, beste moduz esanda, Blade Runner filmak markatu zuen, duela ia berrogei urtetik honaino, balizko etorkizunari buruzko eldarnioak, kimerak eta fikzioaren geografia. Halere, ez omen dago ezer literarioagorik errealitatea bera baino eta, bizitzen ari garen pandemia sasoi honetan behintzat, Blade Runner filmak ezarritako paisaia eta balizko geografiaren iruditeria jada gainditu duela ez dago zalantza izpirik ere. Ez hori bakarrik, ordea, H.G. Wellsen fantasia edota komikietan azaltzen zen Gotham City bera, esaterako, ezabatuta geratu da COVID-19ak ekarritako hiri, herri eta errepideen argazkien aldean; XX. mendeko hirigintza irudiak, bada, eraldatuta dauzkagu dagoeneko. Baina, alta, ez ahaztu aipatu ikono, imajina eta itxura haiek gizarte irudikapenak direla eta, horregatik hain zuzen, gure bizimoduaren (iraganekoa edo datorrena) berri ematen digutela. Zer dakarkigu, bada, gure hiri edo herrien paisaiak? Lehenengo eta behin, militarizazioaren irudia. Mota guztietako poliziak besterik ez dira sumatzen kaleetan. Eta ikusten direnak baino are garrantzitsuagoak ditugu ikusten ez diren gizartea kontrolatzeko teknologiak (kamerak, droneak, bizilagun inkisitorialen dei ezkutuak eta abar). Horri guztiari William Gibson idazleak bere Neuromancer eleberrian “ziberfaxismoa” deitu zion eta, oro har, “scanscape” gisa izendatu ohi da (zaintzapeko espazioa). Honek esan nahi du, bigarrenik, gure herrietan dagoeneko hirigintzaren eta ordenuari mantenua ematearen arteko mugarik ez dagoela eta, ondorioz, ematen duenaren kontra (bakoitza bere etxean baitago), gizarte bizitza guztia ikusgai dugula. Jadanik Panoptikoan bizi gara. Begi ikustatzaileak den-dena fiskalizatzen du, digu, gaitu... Goian aipatu eta gugan zetozen bi aldaketa hauei buruz ohartu ahal izateko, duela urte batzuk, preso zegoen lagun bati Paul Viriloren L’administration de la peur (Beldurraren kudeaketa) izeneko liburua eraman nion irakurtzeko. Berak, kartzelan egonda ere, liburuxka itzuli zidan hurrengo bisita batean esanez: “irakurketa mota horrekin askotan galtzen naiz...”. Pandemia dela-eta denok zaintzapean egon garenean, gure hobe beharrez izan dela onartu behar izan dugu, nonbait. Jadanik gizartea kontrolatuta dago erabat. Hiriak eta herriak kartzela bihurtu baitira, eta haien geografiak diziplinatzen gaitu. Michel Foucaultek zioenez: “Diziplina kontrola, gorputzak espazioan banatuz, gizaba- nako bakoitza zelula dibisio batean kokatuz eta espazio akordio analitiko horretatik kanpo espazio funtzional bat sortzera datorkigu. Azkenean, espazioko matrize hori erreala eta ideala da aldi berean: espazio zelularraren antolaketa hierarkikoa eta forma horien ondoren ezarritako ordena guztiz ideala”. Beraz ideala zena erreala bilakatu zaigu honez gero... eta, gure denboraz gain (gure bizitzak), espazio publikoa gal dezakegu betiko. Botere politikoa autokrazia bihurturik, hiri eta herrien arteko komunikabideen mesederako inguruak basamortuz, interes pribatuen aldeko zaborren kudeaketa kutsatzaileak lehenetsiz, osasunaren holokaustotik gertu, politika ekologikoa izuaren ekologia dugu, dagoeneko, XXI. mendeko herrigintzaren irudi apokaliptikoa besterik ez dena. Ezin da, bada, ardatz haietan ezer erreformatu. Bizi ahal izateko bestelako mundua behar baitugu eta, horretarako, bestelako irudikapenak eta bestelako diskurtsoak behar ditugu, askapen bidean bidaide izango dugun bestelako literatura. Mozart, jenio baten soziologia azterketa bat da (N. Elias, 1991), eta “artista libre” izateko etengabe borrokatu zen artista baten baldintza sozio-psikogenetikoak aztertzen ditu. Sasoiko testuinguruan oinarritutako borroka hori zaila izan da alde batera uztea; izan ere, garai hartan, trantsizio une historiko batean harrapatuta zegoen artista batek alde batera utzi behar zituen XVIII. mendearen bigarren mailako aristokratikoan zen gorteko publikoaren kanon estetikoak eta bestelako sorkuntzak lehenetsi. Michael Shöter editoreak argitaratu zuen liburua, egilearen ohar, eskuizkribu eta zinta magnetofonikoetatik abiatuta, Norbert Elias bera hil eta urtebetera. Berpizkundean hasi zen artisten askapenerako bidea. Elizaren babesetik askatzeko errege-erreginen edo nobleziaren gerizpera joan ziren, eta handik Ilustrazioak sortutako Estatu despotikoen aterpera; hortik, Ilustrazioaren bertsioa zen erromantizismoak akuilatuta eta editoreen laguntzaz, merkatuaren etxalekura aldatu bide ziren, aske sortzeko habiaren bila. Makiavelo, Petrarka, Cervantes, Shakespeare, Voltaire, Diderot, Goethe, Flaubert, Baudelaire... tokian tokiko Elizaren teilapetik XXI. mendeko “publikoaren” estalpera. Originaltasun erromantikotik moderniaosteko berehalakotasunera. Schilleren itzaletik Zizecken berokira. Baina literatur askeak ez du berorik ematen ezta itzalik ere. Epilogoa Miguel Serveti kale baten izena eman zioten aspaldi Genevan, bere iritzia defendatzeagatik erre ondoren. Borges Genevan lanean ari nintzen unibertsitatetik gertu dagoen hilerrian lurperatu zuten, eta, duela gutxi, Suitzako literaturaren antologia batean irakurri dudanez, “Genevako idazle” izendatua dute, R. Musil, Genevan bizi nintzen lekutik gertu bera ere bizitua (eta hila...), J.J. Rousseau, Voltaire, Victor Hugo..., “aliteratura” loratu duten idazleak, denek maite zituzten adierazpen literarioaren alde guztiak, irakurtzea nahiz idaztea, denek lortu zuten beren idazteko manera berezia, baina, bereziki, eszeptizismoaz bustirik, erlatibismo eta guzti, den- denak izan ziren polemikazaleak eta uste zutena sostengatzeko idazkuntza transgenerikoa lantzen saiatu ziren. Borgesek berak ez zuen batere trabarik izan bere iritzi kontserbadoreak plazaratzeko (euskaldunez zeukan irudi ezkorra ere ezaguna da...), baina liburuei buruz mintzatzen zenean ez zuen aurreiritzirik maite; aitzitik, hitzaurrearen partez epilogoa izaten zen berarentzat premiazkoa. Hau da, testuak irakurri ondoren egileari zerbait gehitzeko aukera utzi behar zaiola pentsatzen zuen, ez liburuaren hasieran, ordea. Niri egokitzen zait orain aukera hori, bada. Saizarbitoria eleberrigileak eta Lasa poetak Geneva eta euskal literatura ezagutu zituzten nik baino lehenago. Ni, nahitaez, haien ikaslea nauzue. Errenazimentuan literatur askea sortzeko hasi zen bide beretik ari naiz ni ibiltzen oraindik ere, eta ahalegin horretan izan ditut eta badauzkat bidaideak. Miguel & William izenburua eraman nahi zuen Antonio Saurak ekoizteko asmoa zuen filmak, eta (nola ez?!) Cervantesen eta Shakespearen arteko balizko harremanak irudikatzeko plazaratu nahi zuen. Ustez idazle biak egun bertsuan hil zirela, irakurketaren aldeko ekimenak, hizkuntzen arteko ahaidetasuna eta mota horretako hamaika sustapen kulturalik ere antolatzeko erabili ohi da. Gurean, berriz, Cervantesen eta Lazarragaren arteko balizko harremana, nonbait, antzera ikusi nahi omen zuten batzuek. Halere, Cervantes eta Shakespeare ez zirela egun berean hil argi dago (Las vidas de Miguel de Cervantes. A. Trapiello, 1993), baina ez du inork zalantzan jarriko ustezko gertakizunak balio duela Amaren Egunaren antzeko ospakizun komertzialak antolatzeko eta kultur arloan eragiteko. Ingelesek, ordea, Cervantes maite zuten Berpizkundeko idazlea zelako. Horregatik, haren idazkera askatzeko bidean, eta nahita, gaizki itzuli zuten. Ildo beretik, Cervantesen, Shakespearen eta baita Lazarragaren arteko balizko harremanez gogoeta egiteak balio du, alde batetik; eta, bestetik, Larreako jaunaren eskuizkribuaz bestelako hipotesi bat plazaratzeko. Honen arabera, izkribuaren helburua ez litzateke literarioa izango bakarrik, pedagogikoa baizik. Ikasle baten kaiera baino ez litzateke izango, alegia. Baldin eta Errege Magoak gurasoak direla zabaltzen bada, eta, ondorioz, salmentaren negozioa jaisteko arriskuan ezarri, Olentzaroren garaiak beste aukera bat irekiko du ospakizun komertzialak agortu ez daitezen. Sasoi hauetan, Cervantes eta Shakespeare ez zirela batera hil zalantzan jarriz gero, biek, beren tragediak idazteko, Belleforest edota Boastinau erabili zituztela esan daiteke, edo 1605ean, Gaztelakoak Londresera joan zirenean Armada Garaitezinaren porrota zuzentzera, Shakespeare izan zela bera entretenitzeko bidalitako bat, edota Shakespearek berak hil aurretik antzeztutako azken antzezlanak Kixote duela oinarritzat... edozein loturak balio du negoziorako, egitasmoa kulturala, politikoa nahiz komertzial hutsa izan arren. Cervantesek eta Lazarragak, ordea, elkarren berri ba al zuten? Dena den, zergatik jarri beharra dago harremanetan bakoitza bere aldetik, berez ulergarria dena ulertzeko? Eta erabateko asimetria dagoenean, zertarako? Hau da, aldera daiteke oraindik ikertzeke dagoena eta hiperazterturik daukaguna? XX. mendearen hastapenean, “laurogeita hemezortziko belaunaldiko idazleek” ideologikoki Espainiaren berreraikuntzari ekin behar izan ziotenean, Kixote eta Cervantes egokitu zituzten haien esanetara. XXI. mendearen hasieran, Europaren eraikuntza garaian, Cervantes eta Shakespeare, gorengo literaturaren paradigma parea, elkarri eskua emanez erakutsi nahi dizkigute nola edo hala. Eta Larreako jauntxoa? Zer dauka horrek ikusterik historia honetan? Zergatik agerrarazi behar digute bera ere Cervantesen inguruan oraingo honetan? Joseba Lakarrak dio Juan Perez Lazarragakoren lehen hurbilketaren hasieran “eskuizkribuak XVI. mendean inprimatutako benetako literatura ia guztiaren pare” dela. Era berean, aurkezpenaren bukaeran, “on da gure artean ere jokorako arauak haien sailetan eta gainerako jakintzetakoan ikusten denaren gisan errespeta daitezen”. Ez naiz, beraz, arlo filologikoetan sartuko kritika egitera, baina, zinez, ez dut uste Lazarragarena, zentzu hertsian bederen, literaturatzat defini genezakeenik, eta are gutxiago orduko Cervantesek edo Shakespearek egiten zutenarekin parekatzerik dagoenik... ezta beharrik ere! Lakarrak dioen moduan, nire jakintza arloa izan den hezkuntzaren eremutik, hitz egiten dut, bada: ene aburuz, Juan Perez Lazarragakoren izkribua “ariketa kaiera” dugu, eta zehatzago izanik, prezeptore batek jauntxo gazte bati bidalitako heziketa lanerako erabilitako koadernoa litzateke soilik. Ezin esan eskola izkribua denik, orduan ez baitzegoen nobleziarentzako mota horretako eskolarik, maisu morroiak baizik. Garai horren berri eman zigun Rabelaisek bere Gargantua et Pantagruel-en, eta hartan deskribatzen digu orduko hezkuntza lana zein zen: funtsean, ikasleei ariketak idatzaraztea. Xabier Kintanaren arabera (2004-03-05), Lazarragak bere izkribuari ekin zionean, oso gaztea behar zuen izan (hamasei urte-edo...) eta, beraz, ez litzateke sinesgarria hain hizkera heldua erabili izana. Hori dela-eta, Kintanaren proposamena Larreako jauntxoaren jaiotze data aldatzea da. Horiek hala, euskaltzainak ez du uste Lazarraga 1550ean jaio zenik, aurretik baizik. Proposamenak proposamen, datak teoriaren arabera egokitzea baino, nire ustean, hipotesi berriak plazaratzea da bide egokiena. Horregatik, egileari berari beste inolako literatur emaitzarik ezagutzen ez zaion neurrian, ezaguna dugun honen kaligrafia aztertu ondoren, bertan, idaztankeran ematen den bilakaerari so eginez (ortografiak bukaeran aurrekoarekin alderatuta ezberdina dela dirudi...), orduko prezeptoreek erabili ohi zituzten ariketak ezagutuz (sonetoak zein pasadizoak idatzaraziz) eta abar luze baten arabera, Juan Perez Lazarragakoren izkribua “ariketa kaiera” dela uste dut, lan didaktikoa; beraz, literatura zentzu hertsian Miguel de Cervantesen lanarekin edo William Shakespearerenarekin alderagaitza. Badakit, jakin ere, Erromantizismoaren aurretik ezin dela originaltasuna aipatu literaturaz aritzerakoan. Aitzitik, XVI. mendean beste idazleek egindakoa norberak erabiltzea ondo ikusita zegoela oso. Baina Shakespearek edo Cervantesek eginiko aipuek edo “plagioek” ez dute zer ikusirik Lazarragak egindako kopiarekin, nire ustez kopia hura ikasketa ariketa besterik ez zelako. Dena dela, nik ez dut ezertxo ere saltzeko asmorik. Ez naiz euskaltzaina, ez filologoa, eta ez dut Lazarragaren izkribuaz euskal literaturaren monumenturik egin nahi; denontzako dokumentua aldarrikatu, baizik. Eta nahiz eta Lakarrak hala salatu, ez ditut “esku zikinak ezeren gainean” ezarriko Kixote ukituz ezta gure Lazarraga ere, baina haren erabilpenaz gogoeta egiteko bidea eman dit. Horrenbestez, Milan Kunderak, argitaratutako saiakera batean (Le rideau), profitatu nahi izan du zorioneko Kixoteren laugarren mendeurrena gizakion gizarte bizitza (ez orainaldia soilik, gero) era zaharberrituan begiratu ahal izateko. Ahalegin horretan, Rabelaisen, Cervantesen, Shakespeareren, Fieldingen eta abarren laguntza hartu nahi izan zuen. Nik, nire motzean, gauza bera egin nahiko nuke, alegia, literatura idazketaren ariketa apal gisa ulertu, ez apalategian dagoena mundua ahalik eta hoberen ezagutzeko, norberak egindako peskizan idatzia, etengabe ikasi beharra dagoena. Duela egun batzuk, liburugintzan diharduen lagun bati, idazkera mota desberdinak direla eta izandako hitz-aspertuan, literaturaren inguruan aritzen direnen interesek sortu eta argitaratu egiten diren testuak eragiten dituztela arteaz kanpoko premien arabera adierazi nion. Literaturaren autonomian ez nuela sinesten, alegia. Hura, berriz, ez zegoen horrekin (nirekin) batere ados, eta literatura testuek lilura sortzeko daukaten gaitasunera mugatu nahi izan zuen testuinguru bera baldintzatuz (egilea, haren gizartea, merkatua, argitaletxeen industria etab.) gutxietsiz. Etxeratu ondoren, aldiz, Milan Kunderak kaleratutako saiakera irakurtzeak (Le Rideau) aukera eman zidan literaturaren (batik bat nobelagintzaren) atze oihalaz lagun horri azaldutakoa berresteko. Izan ere, aspaldi Frantzian bizi den Txekiako idazleak, Rabelais eta Cervantes, Diderot, Musil, Balzac, Gombrowicz edo Broch lagun, argi uzten du bakoitzak darabilen hizkuntza edota duen naziotasuna funtsezko baldintza literarioak direla. Ildo horretan, esaterako, ez du Kafka idazle txekiartzat jotzen germaniartzat baizik, baina ez soilik idazteko hautatu zuen hizkuntzagatik, baizik berak zeuzkan oinarri kulturalagatik eta irakurleria nahiz horren araberako zabaltze aukeragatik ere. Bere hitzetan, labur esanda, egun Kafka ez luke inork ezagutuko txekieraz idatzi izan balu. Mota honetako baieztapen borobilak eskaintzeaz gain, Kunderaren testuak, desordenatuegia agerian, badu, eduki, bere sakonean, europar literaturaz harilkatzerakoan ikusezina suertatzen zaigun orratz fin bezain jakintsua. Le magazine littéraire-k eginiko iruzkinean (442 zbk., 85. or), ostera, haren azterketak “ez duela kronologia aintzakotzat hartzen eta ikerketa gisa eskasa dela” zioen. Aitzitik, Kundera baliatzen da kulturen arteko asimetria konpongaitza ziztatzeko, baina, kritika egitearekin batera (kritikak duen berezko esanahiari eutsiz), hizkuntza eta nazio askotako literaturan izandako eragileen arteko erkaketa ere ekartzen digu. Hala nola, Frantziako gustu literarioan, “arrunkeria” alboratu beharra zuen; garrantzia, kitsch estetikaren munta, austriar kulturan, etab. Haietan guztietan, ordea, ez du bere burua ezkutatzen hautatzeko garaian, eta lasai asko agertzen zaigu Camusen alde Sartreren alde baino gehiago, edo Dideroten alde eta Victor Hugoren aurka, nahiz eta frankofoniaren irakurleria soziologikoak hori ez onartu inola. Baina Kundera ez da kikiltzen den haietarikoa eta, berak aberkide onartu nahi izan ez duen Kafkak bezala, egun Administrazioak (ala Herri Arduralaritzak?!) bizitza garaikidean, baita literatura egiteko sasoian ere, markatzen duena salatzeko ez du batere enbarazurik. Saiakera literarioa zer den ebazteko, bada, Kunderaren azken testu hau dugu adibidea. Baina ez garatzen duen gaiagatik bakarrik, gaiaren arabera bere estiloa nola bilakatuz joaten den baizik. Ez dakit, 1986an idatzi zuen bezala (L'art du roman), eleberriarena artea izango ote den, baina Milan Kundera, saiakera idazten ere, artista dela ez dut zalantzarik. Dena den, nori berea aspaldiko legea, horretarako txekiarrak ohartu behar izan du literatur esparrua eragiten duten baldintzez eta, ohartzeaz gain, haietaz ere hausnartu behar izan du. Hori egiten dabil aspaldidanik, nahiz eta iruzkin epilogogiko honetara ekarri dudan hau horren emaitzarik biribilena ez izan. Horregatik, apika, 1980tik bederen, txekieraz idatzi beharrean frantsesez idazteari ekin dio. Aurreko batean, fakultateko korridoreetan Joxe Azurmendik eta biok elkar aurkitzearen zoria izan genuen. Aspaldidanik ikastetxe berean jardun arren, gutxi izan dira elkarrizketarako eduki ditugun aukerak. Beraz, zoriz suertatu zitzaigun elkar topatzea zorionekoa izan zela esango nuke, zeren gure Ibaetako batimendu berri-zaharra jendea ahalik eta gehien gizabanakotzeko egina dagoenez, irakasleen arteko debateak normatzat baino noizbehinkako salbuespen gisako zerbaitzat hartu behar izaten ditugu. Joxerekin hitz egitea, ordea, zorionekoa izateaz gain, ur sakonetara eramaten gaituen ariketa dibertigarria izaten da, unibertsitatean ohikoa ez dena. Hori dela-eta, gure inguru unibertsitarioan elikatzen den moderniaosteko egungo pentsamenduaren azalkeria agerrarazi nahiko nuke epilogo honetan. Alde batetik, aipatu arinkeriaz pentsatzen ikasi (eta irakatsi) egiten baita, eta hartan unibertsitateak erantzukizunak eduki badituelako. Eta, bestetik, azalkeriari buruz taxuzko arretaz pentsatzearen partez, horretaz mespretxuzko jarrera izan ohi delako hedatuena, eta ondorioz, egun dagoen Disney moduko kultura eskasa iraunarazteko funtsezkoa den pentsaeraren ikerketa galarazi egin zaigulako. Umberto Ecok horren ospetsu bihurtu zen bere Arrosaren izena izenburuko eleberrian Mendebaldeko zibilizazioak Erdi Arotik heredaturiko ezaguera gogaikarriaren berri maisuki kontatu zigun. Hartan, fraideak suak betirako desagerraraziko zuen Aristotelesen Poetika pozoiduna irakurtzeagatik hiltzen ziren bata bestearen atzean. Aipatu izkribuaren liluragarritasuna, berriz, bere edukian zegoen, non jakinbidea olgetarekin batera eskuratzerik bazegoen. Hau da, ezaguera, bada, dibertigarria zen berez, egun ezezagun bihurtu zaigun Aristoteles harentzat. Gizarte garaikidearen oinarrian dagoen Erdi Aroko kultura judeo- kristauak, ordea, kulpante gisa agerrarazi behar izan zuen naturaren aurkako lotura hura (ezaguera liluragarria bihurtzen zuena), eta aurrerantzean jakintza sufrikarioarekin bildu zuen ezinbestean. Hannah Arendtek, honetaz oharturik (La vida del espiritu, 1984), gure zibilizazioa ordutik hona baldintzatu duen bizitzaren eta jakintzaren arteko eskizofrenia salatu zuen, gogamen kritikoa bezain politikoa proposatuz. Horixe bera berreskuratu beharko genuke oraingo honetan, moderniaren eskemak birrindurik, ohikoa baino gehiago alternatiboa ere bilakatu omen den “pentsamendu arinaz” artez aritzeko. Carpe diem izpiritua, edo aldartez aldartearen araberako bizieren aldarrikapen itsua dugu moderniaosteko gizartearen funtsezko ardatza. Honezkero, eta krisi garaian gehiago, bizitza soziala arautu eta lotu ahal izateko azalezko dibertimendua euskarrizkoa bihurtu da eta. Baina, zoritxarrez, horri behar bezalako arreta ez emateagatik, arinkeriak arbuiatu egiten dira besterik gabe duten garrantzia bazterturik, eta hor da hortxe beren indarra eta gizarte eraginkortasuna. Izan ere, Thorstein Veblen amerikarrak aisiaren garrantzi soziala azpimarratu zigunean (The Theory of Leisure Class, 1899), ez zuen uste inoiz denbora-pasak gizarte osoaren biziera baldintzatuko zuenik, soziedade jakin baten giza multzo bakar bati buruz ari zelako besteak beste. Joffre Dumadezierek berak (Vers une civilisation du loisir, 1962) gizarte dibertimenduak eguneroko bizitza ikertzeko aldagai gisa hartzen ditu, baina betiere menpeko aldagaia izanik eta inoiz ez gizarte bizitzaren ardatza gisa ulertuaz. Egun, ordea, gizarte egitura menperatzeko indarrean dagoen krisi ereduak ez luke irauterik izango eguneroko bizitzaz kanpoko olgetak pentsamendu arina etengabe elikatuko ez balu. Joxe Azurmendik eskaini digun saiakera batean (Euskal Herria krisian, 1999), euskal gizarte krisiaren sakontasunaz aritzen zaigu baina, berak aitortzen duenez, krisian daukaguna ez da euskal gizartea gizarte modernoa baizik. Areago, moderniaosteko gizartearen eredua krisia bera da. Hau da, oro har, globalitateak baldintzaturiko gizarte berriaren funtsezko ezaugarria, mundu mailan, aldagai desberdinen araberako krisia kudeatzeko gaitasunean datza. Izan ere, egun ezinezkoa suertatzen baita pentsatzea, aurreko eskema modernoen antzera, teknologia, balio eta politika eremuen krisi globalaren ondoren modernia bezalako beste gizarte eredua datorkigunik, Erdi Aroari berpizkundea jarraitu zitzaion bezala (orain Joseba Gabilondoren hipotesia dena, aurretik Andre Gunder Frank eta Samir Amin zirenek ere garatua), baizik eta jadanik krisi eredua dugula gizartea antolatzeko eraketa berria. N. Elias honetaz aspaldi ohartu zen (El proceso de civilizacion, 1987), eta egun globalitateak eragin duen bizitzaren eraldaketa zibilizazioen historian jauzi kualitatibo gisa saiatu zen ulertarazten. Hau da, Joxek dioskunez, Euskal Herria krisian dago Modernia krisiak jota dagoen neurri berean. Eta areago, diot nik, edo Eliasen irakurketen bidez hauxe ondorioztatzera ausartuko nintzateke behinik behin, krisi honetatik ez dago irtenbiderik krisia bera baita moderniaosteko globalizazioari dagokion gizarte mota. Eta areago oraindik, abagune honetan Euskal Herria bere historia osoan baino askoz hobe aurkitzen dela errotik dagokion kudeaketa berezko parametroen arabera behingoz egiten hasteko. Izan ere, krisi garaian, gurea bezalako herri menpekotasun nahiz gutxietsitasun egoeretan, menperatzaile harroputzek beharko lukete kezkaturik egon. Hala eta guztiz, euskal gizartea euskal parametroetan antolatu ahal izateko, gizarte krisi globala Euskal Herritik kudeatzen hasteko hain zuzen, arinkeria baztertu beharra dago ezinbestean. Honekin ez dut berresan nahi erromatarrek beren menpeko herriak gobernatzeko erabili zuten “ogia eta zirkua” politika (gaurko “hipermerkatua eta futbola” izango zena) gainditu beharra dagoela soilik. Harago doan eskaera da nirea, zeren goian aipaturiko krisi egoera honetan azalkeria funtsezkoa menperabidea bihurtu zaigu. Merkatua eta ekoizpen sistemak, alde batetik, gizarte globalarentzako dibertimenduaren gainean eraikiak ditugu honezkero, non kontsumo arina bezain itsua erabateko aldagaia den. Bestetik, hedabideek zein mediek, berriz, azalezko ezaguera desitxuratua egituratzen dute, gizabanakoak atomizatzeko asmoz eta giza nortasunak nahiz gizarte izaerak ahulduz joaten dira (ikus Kichard Mathesonen eleberria: El hombre menguante, 1986), orain arteko boterea eratzeko politikak gaur egun balioa galdu duen bitartean. Azalkeria eta pentsamendu arina ditugu krisia bere hartan iraunarazteko egungo ideologia. Aitzitik, askatasuna erdiesteko bidean pentsamendu kritiko, sakona eta jostagarria landu beharra dago. Elkarrizketa atomizazioaren partez. Dialektika eta polemikaren bidez, arrunkeriak alboratuz. Tribialitateaz trufatuz. Fribolitatearen kontra defendatuz. Aske bizi ahal dela pentsatzeko ausardia berreskuratuz... Izan ere, Georges-Louis Leclercek (Buffon zenak) zioenez: “Gizakioangan izatea eta pentsatzea gauza berbera baitira”, eta horrek balio du idazten dugunean ere. Eta hori dela-eta, Jorge Luis Borges zenaren antzeko bizipen paradoxikoak pairatu izan ditut egun hauetan (alta, ez José Luis Borges, Espainiako erregeak Argentinarako bisitan esan zuen moduan...). Alde batetik, Valentziako Unibertsitateko adiskideak gonbidaturik, katalanerazko Premis Octubre literatur sarietako ekitaldietan parte hartzea egokitu berri zitzaidan, Turia ibai sasilehor berpiztuaren hegietan. Aipatu Octubre sariak katalan herri guztiak hartzen ditu bere baitan, ez bakarrik Catalunya izenarekin ezagutu ohi den espainiar autonomia. El Temps aldizkari valentziarrari esker katalan lurraldeen artean informazio, gogoeta eta literaturaz aparte mota guztietako loturak lantzen dira, banaketa administratibo postfrankistaren gainetik. Hau da, Bartzelonako Gobernuarekin batera El Algereko alkatetza, Balear uharteetako agintariak, katalanera hitz egiten duten Aragoiko lautadetako ordezkariak eta baita Pirinioez gaineko partaidetza antzematen zen, bertan nolabaiteko katalan udalbiltza gauzatuz. Areago, lurralde zabal hartan, hau da Catalunya ofizialetik at, eraikitzen diren Casal Jaume I biltoki haietan, Catalunya ofizialeko ordezkaritza politikoak hartzen ditu, diruz eta guzti, bere kulturak eta herri loturak behar bezala sustatzeko. Ekimen honetan, gainera, ez dute bakarrik nazionalistatzat jo daitezkeen ERCk edo aurreko CiUkoek parte hartzen, baizik eta PSCren ekarpena ezinbestekotzat jotzen da herri beharrei erantzuteko, Estatuak estuki ezarritako muga administratiboak leundu eta gainditzeko. Beraz, kultura, literatura, herrigintza, naziogintza, koinonia, common wealth-a, politika... Bestalde, Premis Octubre horien itzalean, gainera, Borgia Diplomatari delakoaren berri eman zitzaigun Valentziako Unibertsitateko Paraninfoan. Hau da, Borja familiaren inguruko dokumentu guztiak bilduko dituen artxiboaren antolaketari (berrogeita hamar liburu mardul) ekingo ziotela esan zuten, eta bukatzear egongo da agindutako lana. Lluis Cervero eruditu valentziarrak irekitako bidea M. Batllori historialari jesuita saiatuko da amaitzen, Vatikanoko artxibo ezkutuaren zuzendaria dugun Pagano (a ze abizena!) abadearen laguntzaz. Honek ere zer pentsatzerik eman zidan. Hona hemen. Borja senitartekoak izan ziren, Kalixto III.a eta Alexandre VI.a aita santuak, Lukrezia azken honen ustezko alaba, Cesar eta S. Frantzisko Borjakoa, Jesusen konpainiako buruzagia izan zena, besteak beste. Historia hurbilean, nekez aurki daiteke hau bezalako leinu ustel eta agintegoseturik, baina, horregatik hain zuzen, beraz, botereak eskuratu ahal izateko edozein bitarteko erabiltzeko pronto egoteagatik, gogoangarriak bide ditugu egun. Honek hausnarketa batzuk merezi dituelakoan nago. Egun suertatzen ari den zibilizazio krisialdiak gizarte portaera ereduak ezabatu ditu. Espainiako Saiakera Sari Nazionala irabazi zuen Javier lagunak Erdi Aro berri batean gaudela dio (Los señores del aire), non mundu globalean ibili ahal izateko Jauntxo edo Ahaide Nagusi bakar batzuen menpean egotea onartu beharra dagoen ezinbestean. Egungoari dagokion gizarte portaera, bada, basailutza litzateke, eta aginte eredua, berriz, atomizatua. Ultraliberalismoak desaraututako estatuak, beraz, ezin izango luke eskubide txikienik ere bermatu, eta ondoriozko desbabesak eraginda, neofeudalismoan geundeke. Ene aburuz, ostera, gure abaguneak gehiago du Berpizkundetik (Borja familiaren garaitik, hain zuzen) aipatu feudalismotik baino. Funtsezko arrazoia globalitatearen kontzeptutik bertatik datorkigu. Hau da, nahiz eta Erdi Aroko Gizartea erabat sakabanatua izan, gizarte mailan kanporatze-barneratze sistemak egungoarekin nolabait parekatzerik badago ere, eta Islamaren aurkako borroka funtsezkoa izan arren, Eliza Katolikoak Berpizkundearekin batera hartzen du Globalitatean eragiteko behar bezalako egitura “katolikoa”(Borjatarren laguntzaz, jakina), eta giro hartan antzematerik egun oso nabarmenak suertatzen ari diren gizarte ezaugarri politikoak. Berpizkunde hartatik hasiko dira estutzen boterearen eta jakintzaren arteko harremanak, espazio publiko eta pribatua bereizten, eta, azkenik, gizabanakoa bihurtuko zaigu politika legitimatzeko funtsezko aitzakia mota desberdinetako parte hartze herritarren kaltetan (cominium politicum klasikoaren birmoldaketa). Orduko Alexandre VI.a gaurko Trump izan zitekeen, bere eskandalu sexualak eta guzti. Garai hartako izurriteak dauzkagu gaur egun COVID 19an. Mundu zabalean hark eraturiko misioak egungo kolonizazio humanitario hauekin aldera ditzakegu..., espazio globala ere espazio politikoa baita (M. Castells. El Temps, 854, 31. orr. ). Borjen eraginpean idatzi zuen Makiavelok (G. N. Makiavelli. Storia del suo pensiero politico. Sasso, 1958) politika etikatik bereiziz eta baita literaturaren eta Eliza katolikoaren arteko harremanak hautsi nahian, aginte modernoa oinarrituz. Medizitarrak, Sforzatarrak... jende printzipala, denak orduko intelektualen bazkaz arduratu ziren beren botere gosearen alde lerrarazteko. Izpiritu klasikoa berpiztu nahian civis societas zen politika iuris societas bihurtu zuten. Hau da, politika gizartearen parte hartzea izan beharrean legearen eremu bihurtuko dute, egungo egoera oinarrituz, non politikoa arlo juridikoan urtu zaigun. Horrela, gizarte jarrera parte hartzailearen zokoratze historikoari hasiera eman zitzaion politikaren berezko esanahia galaraziz. Agintearen alde bultzaturiko klasikoen berrirakurketa eta politikaren zentzu aldaketa honetan ezinbestekoak suertatu ziren idazle intelektual eruditu salduak, zeintzuek jatorrizko greziar herri subirautza estali zuten. Alde batetik Principek (Makiavelo) eta bestetik Statusek, estatua (Hobbes) agintea politikoa ulerbide modernoarekin lotu zuten. Horrela, politikoa instituzionalismoaren edota estatuaren araberako jarduna litzateke besterik gabe. Herrigintza edo estaturik gabeko naziogintza legeen aurkakoa, delitu hutsa, bada, baina ez politika. Ildo hartatik eskarmentaturiko intelektual haietariko batzuek Jorge Luis Borges idazle liluragarria honoris causa doktore izendatu nahi izan zuten gure unibertsitatean, Zorroaga zenaren hastapenetan. Ez zitzaien ongi atera, ordea. Garai hartan fakultateko klaustroaren parte hartzea egun baino askoz zabalagoa baitzen, eta eldarnioa ez zen gauzatu. Herri ezjakinak halako ohorea ukatu zion eta. Egun, boterearen menpeko intelektual eruditu atzerakoiek (J.L. Borges zenaren antzera), borgiatarrak bezalako agintari ustelduen alde egiten dute politikaren esanahia murriztuz, estatuak irudikatuz nazio desberdinak dauden tokietan, indarraren hastapenari eutsiz bortxaren kudeatzaile nagusien magalean, herri nahiak gutxietsiz ilustrazio jakobinoaren izenean eta, finean, estatuaren despotismoa zurituz. Platonen Teeteto hura gogora ekarriz: krisi egoeran (apeiria) dauden legeek ez dute balio politikorik, bestelako politika bilatu beharra baitago eta, horretarako, beste irudikapen eta diskurtso batzuen premian gaude. Idazteak, eta literatura idazteak ere, erantzukizunak dituelako. Ameriketako Estatu Batuek Iraken aurka buruturiko eraso militarrak ekarri eta zabaldu zuen paper publikoetara “albo kalteak” esamoldea, esaterako. Irakeko gerratean, nonbait, AEBko armadak biztanlego arruntari eragindako triskantzak ez omen ziren “albo kalteak” besterik. Guda odoltsu baten bidezko inbasioak (ba ote dago bidezko inbasiorik?!) herri xumeari min egin diezaiokeenik inork pentsa ez zezan asmaturiko esapideak arrakasta izan zuenez, mundu osoko bazter guztietara iritsi zen aipua. Baina eguneroko politika unean uneko gerraren jarraipena den neurrian, honezkero, alboko kalteen adierazpenak gure eguneroko bizitzan ere bere tokia hartu bide du. Honela, esaterako, Euskal Herriko guda politikoari buruz aritzerakoan, prentsak eraginiko kalteaz hitz egin daiteke, edota irrati-telebisten erreportaia batek norbaiten aurka eragindako ustezko “albo kalteak” aitatu. Literaturaren arlora ere eramaterik badagoela uste dut nik. Ikus, bestela, behin liburuen iruzkinetara bideratu nuen bat (Berria, 2008-03-05): Arantxa. Chronique. Egilea: Eric Gonzales. Argitaletxea: Editions Cairn. Itzultzailea: Estela Comellas. Urtea: 2001. Hona ekarri dudan Eric Gonzalesek idatzitako Arantxa izeneko kronika nobelatua. Arantxa Chronique Cairn argitaletxeak kaleratu zuen Baionan, frantsesez, 2001ean. Jatorrizko eleberria, ordea, okzitanieraz idatzi zuen Eric Gonzales pabetarrak. Itzulpena da, beraz. Estela Comellasek frantsesera eramandako testua da nik ezagutu nuena. Halere, Eric Gonzales literatura okzitaniar garaikidean idazle joria bezain ezaguna dela esan beharra dago. Haren nobela horretan, berriz, nekez ezagutu daiteke euskal gazte borrokalariei buruz topiko gehiagorik. Protagonistak, Okzitaniako Tolosan ikasle, Jean Boudouren La Sainte Estelle du Centenaire eleberriaren sintaxiaz ikertzen ari zela, Gasteizko Falkultatera joatea deliberatu du; hantxe ezagutuko du Arantxa, eleberrriaren protagonista eta, jakina, Jarrai erakundean dabiltzan lagun guztiak. Amodio istorioa sortuko da bien artean, baina horri baino gehiago egoera politikoaren deskripzioari ekin nahi izan dio egileak. Hizkuntza naturalez, irakurterraza egin den moduan idatzirik, ohiko Erasmus motako ikasleek pairatu ohi dutenaren berri ematen digu. Horrela, noski, Jarrai, Herri Batasuna nahiz ETAren arteko loturak begi bistan geratzen direlarik, aipatu gainerakoen antzera egun legez debekatuta eta itxirik dagoen bertako herriko tabernan zein kalean kokatzen digu kontakizuna. Honi Pigmalion efektua deitzen zaio Gizarte Psikologian, hau da, burutazio baten irudikapenari bizitza eman ahal izana, hain zuzen. Poliziak eta gaizkileak protagonistatzat hartzen zituen eleberrigintzaz ikerketa egin zuenean, Michel Foucaultek zioen nobela haiek gizarte kontrolaren premia areagotzeko diskurtso estetikoak zirela. Horrela, nolabait, gaizkilearen irudia sortzeko, gizarteratzeko eta, azkenean, gorpuzteko ekintza literario baliagarriak izan zirela zioskun. Eric Gonzalesen Baionan kaleraturiko Arantxa-k ere funtzio berbera izan du, nahi ala ez. Esatea latza bada ere (areago hau idaztea...), geroko 18/98 sumarioaren susmopean epaitu zituzten gazteen aurkako akusazioei sinesgarritasuna eman zien mota honetako literaturak. Horiek dira literatura txarraren alboko kalteak. Gonzales bere nobela idazten ari zen une berean argitaratu zuen Koldo Izagirrek bere Mendekuak (Susa, 1987) non, aurkezpenean, honela zioen: “Ez dut uste literaturan dena onargarria denik. Autoreok ere errudunak izan gaitezke (eta ez gaizki idazteagatik bakarrik), kondenagarriak juzka gaitzakete. Idaztea ez da inuzentea”. Bego. Horixe, neronek ere “ez dut uste literaturan dena onargarria denik” berresango dut. Beraz, “Ez dut uste literaturan dena onargarria denik”. Barthesi esker badakigu idazle baten lana harena izateari utzi egiten diola argitaratzean eta irakurleen eskuetara pasatzean, baina egia da idazle bat, berez, bere lana dela funtsean, eta, beraz, lan hori erakutsi eta defendatu egin behar duela. Idatzitakoaren erantzulea da. Hori guztia egin nahi izan dut nik honaino, idazlan honetatik alde egin baino lehenago, nire orain arteko idazlan herrenak errenkan jarri eta haien alde egin, beren barne muinak azaldu eta, azkenik, era duinean agerrarazi besterik ez dut egin nahi izan idatzitako honekin. Nire aita zenak, erretreta hartu ondoren, bere gelan ezkutatzen zuen Memorias de un pensonista idazten ari bide baitzen. Ez zuen inoiz inon argitaratu. Nire gogoetak, berriz, argitaratzeko idazten ditut. Txillardegik bezala, ez dut Amiel egunerokoen idazle zenaren bidea maite, Sartre eta Sastrerenak baizik. Idazleak ere bere egilea behar baitu. Luigi Pirandellok egin zuen bezala, idazlea pertsonaia bihurtu, objektibazio prozesuan sartu hori buruz idatzi ahal izateko zeren eta, ekinbide horretan agertu ohi da haren idazlanen atzean oharkabean pasa dena (testuak nahiz testuinguruak) baita direnak eta ez direnak argitara azaldu. Azkenik eta gero ez dut nire burua “Flauberten sindromeaz” jota geratzea nahi eta, ondorioz, etengabeko zuzenketa prozesu amaigabean galtzea nahi. Horrenbestez, testu eta epilogo honen amaieran berriro diot, hau ez da bukaera, Qui Congean, edo Txi Kungean edota QiGongean... teknikan bezala (batek daki nola idatzi behar den)...indarrak lortu nahi ditut bide honetan segitu ahal izateko. Ezjakintasunak bultzatzen gaitu ezagutzera, eta mundua ezagutu nahi izateak idaztera. Beraz, idazki honetan erabilitako energia guztia saiatuko naiz biltzen nire baitan. Hatsa, izaera eta izpirituak elkarturik, hurrengoaren esperoan. L. Pirandellok idatzi zuenez: “gure egia esanda / betidanik jaiotakoak /betikoak gu izanda / hemen gaude.”
AURKIBIDEA HITZAURREA 1.SOLAIRURAINO baino ez doazenontzat OSTIRALA... AZKENEAN ERE...! ANKERRA, OSO… ITALIA HIRUKOA EZBAI ZU HOBETO JATEKO HUTS BERANDU IKARAGARRIA HASHHHHTAG PLAN TUYO PARA SIEMPRE PROMETEO NIRE LIBURUA DAMUTU ZAITEZ EKAITZA BOST MINUTU ZAZPI BERBERTATIK 2.SOLAIRURAINO MUSU NEUTRO BAT MAITE NAUZU, EZ NAUZU MAITE ITSU ITSUAN AITAREN KOTXEAK LOGURE BEHIN ETA BERRIRO KARTOIZKO AKATSAK ZAPPING HAREA ITZALAK ZURE OHEAREN ALDEA IZENORDAINAK ZERGATIAK GOLDEN PANDA GOIAN BEGO EGOITZA ESERI ZAITEZ EURIA, ADIBIDEZ GEHIGARRIA JAIOTZA KABALGATA PI NAHIKO 3.SOLAIRURAINO (EDO GORAGO) BISTA EZINHOBEAK TXEPETXA ETA HAIZE-ORRATZA EGURALDIAREN GIZONA SORGIN GURPILEAN SIKIERA KAIROBEKO ITURRIA NINO BRAVOREN ABESTIAK TXISTUKATZEN ZITUEN GIZONA NATURALTASUN OSOZ Egia eta beste gezur batzuk HITZAURREA Igogailua da, lagunok, zalantzarik gabe, mundu honetako lekurik pairaezinena. Horixe bai bene benetan paraje babesgabea: tundra edo Gobi basamortua paradisuak, bost izarretako hotelak dira gune estu honekin konparatuz. Pentsa ezazue, hain zuzen ere, nolako estura sortzen digun horren barnean espetxeraturik geratzeak; nolako akidura auzokide, eta behin baino gehiagotan, ezezagunekin elkar bizitzeak; zelango asperdura -ya no hay entretiempo; si es que, aunque nos duela, tiene que llover, al invierno no se lo come el lobo...- eguraldiari buruzko hitz egiteak. Ohartu zaitezte bere ispiluen zorroztasunaz; nola, anker, azpimarratzen dizkiguten zimurrak eta betzuloak, nola tindatzen gaituzten adinaren hauts koloreaz. Ea, ba, irakurle maiteok, Igogailuan irakurtzeko ipuin hauek trantze latz horretan lagunduko dizueten. 1.SOLAIRURAINO baino ez doazenontzat. OSTIRALA... AZKENEAN ERE...! Robinsonek itsasotik heldutako indigenari berriz begiratu ondoren, tipo aspergarria eta odolgabea iruditu zitzaion. -Ahaztu ezazu aurrekoa; Astelehena deituko dizut -esan zion. ANKERRA, OSO -Irakurri egin dut zure azken... eleberria -esan zion literatur kritikoak idazle novel-ari. ITALIA Bidaia horretakorik ikarragarriena ez zen Hiri urperatu hori izan; ez, ez zen... Davida izan, ezta Dorre oker, inklinatu hori… ere. Trasteveren ezagutu, topatu nuen emakumea izan zen harrigarriena; berak ere zilborrik ez zeukalako. HIRUKOA Saskibaloi taldearena ez dut guztiz argi ikusten -aitortu zien Edurnezurik ipotxei. EZBAI -Demagun, jauna, errotaldoiak direla... -ebatzi zuen Sanchok ezbaiarekin erabat nazkatuta. ZU HOBETO JATEKO Txanogorritxu basoko animalia gizagaixoak izututa zeuzkan neskato izugarri gaiztoa zen... -hasi zen otsoemea otsokumeei kontatzen. HUTS Ohiturazko gizona naiz... Horregatik beldurtu naiz hainbeste gaur goizean kafearen koilaratxoa ohikoaren kontrako norabidean jiratzen hasi naizenean. Lehenik, herabeki; gero, konbentzimendu osoz… Nire baitan iraultzaile arriskutsu bat ezkutatzen da. BERANDU -Orain elkarri ulertzen hasiak ginela ematen zuelarik... -aurpegiratu zion amonak bere senar hildakoari IKARAGARRIA izan zen... Ezin dut nire burutik kendu -aitortu zuen Ñk HASSSSSSTAGHHHH!! -usin egin zuen #k Badaukat PLAN bat -xuxurlatu zuenBk dena galdutzat ematen genuelarik. TUYO PARA SIEMPRE irakurri nuen urrezko eskumuturreko barrukaldean -argudiatu zion lapurrak epaileari. PROMETEO Arratsalde hartan putrea minutu batzuk berandutu zen. Ikustean, Prometeok, lasaiturik, hasperen egin zuen. NIRE LIBURUA -Bagaude hirugarren galderan eta ez dugu oraindik nire liburuaz hitz egin -aurpegiratu zion tipoak lanparako jeinuari, honek azken desio eskaini zionean. DAMUTU ZAITEZ - Honek, ene alaba, min handiagoa emango dit niri zuri baino -esan zuen Torquemadak burdin goriari, liluraturik, begira. EKAITZA -Entzun nazazu -esaten dit batzuetan, bat-batean. Orduan nire belarria bere bizkarrera edo bularrera hurbiltzen dut eta ezin hobeto entzuten dut zaparrada. BOST MINUTU Lastima, andereño, lehenago elkar ezagutu ez izana... Duela bost minutu tipo xarmangarria nintzen eta -esan zuen Hyde jaunak, labana biktimaren saihetsean sartuz. ZAZPI Katu Beltza. -Aspaldiko. Zelan tratatzen zaitu bizitzak? Katu Zuria. Guztietatik zein…? BERBERTATIK Oso argi utzi nion ez nuela etxera eramango hiltzera -entzun nion emakume bati berbertatik esaten mugikorretik. Kostatzen ari zait bala -diot… esaldi- galdu hori ateratzea. Gainera, kalibre handikoa dirudi, eta beldur naiz ez ote nauen barruan lehertuko desaktibatzen edo, gutxienez, nire gorputzaren edo arimaren hutsuneren batean kokatzen saiatzen naizen bitartean. Kontuz hor kanpoan, lagunok. 2. SOLAIRURAINO MUSU NEUTRO BAT Autobus geltokian emakume bat hurbildu zitzaidan eta musu neutro bat eman zidan ezpainetan. "Aita" deitu zidan hiru urte inguruko eskutik zeraman haurrak. Ez nuen asmatu erratuta zeudela esaten: azken finean -engainatu egin nuen nire burua- asteburu baterako besterik ez zen izango. MAITE NAUZU, EZ NAUZU MAITE NESKA. (Margarita bat hostokatuz) Maite nauzu; ez nauzu maite; maite nauzu; ez nauzu maite! Ikusten, Mariano? Ez nauzu maite... (neskak orain begirada errukigabea botatzen dio beste lore baten bila altxatzen den mutilari -hogeita bigarren txiribita jadanik-) MUTILA. Proba ezazu, laztana, honekin (Badirudi apur bat nazkatuta dagoela jolas horrekin. Bai; gorrotatzen hasi da orain dela hamar minutura arte eromenez maite zuen neskato madarikatu hori. Grina berberaz). ITSU-ITSUAN Egunkaria izan da ikusi egin dudan lehenengoa. Me reconocerás porque llevaré el diario -halaxe esan dit Interneten ezagutu izan dudan gizonak. Gustatu zait berripaperari, periodikoari deitzeko era ezohiko hori eta -Yo también -erantzun, tekleatu nion, lehenengo akordio horrek ilusionaturik, amets eginarazita. Dagoeneko bata bestearen aurrean eserita gaude kafetegian. Berak bere ebakiaren ondoan La Razón jarrita dauka; nik nire menta poleoaren alboan El País. AITAREN KOTXEAK Aitak oso buru ona izan zuen beti. A la chiquilla le operamos de anginas cuando compramos el Gordini -esaten zuen ziurtasun handiz. Recuerdo perfectamente aquellas navidades -gogorarazten zigun- porque tuvimos un golpe de lo más tonto con el 600. Cuando se casó Juan aún no teníamos el 124 -argudiatzen zuen eta denboraren iheskortasunaz miretsi egiten ginen. Fuímos -tematzen zen- a la boda en el 1500; no sé -harrituta begiratzen zigularik- cómo no os acordáis. Ama hil zenean Clyo gaizki, merkeegi saldu egin zuen eta gidatzeari utzi zion. Fisikoki primeran dago baina harrezkeroztik -ez dakit zergatik- memoria galduz doa; gero eta gehiago. Udararen amaieran gertatzen hasi zitzaion… Ederki gogoratzen dut: Ford Mondeo erosi berria neukan. LOGURE Nasako tipoak aharrausi egin zuen. Emakumeak bagoitik ikusi zuen eta ekiditu ezin izan zuen aharrausia, saltoka, ahoz aho, metroko konboia zeharkatu zuen. Neska txirikordadun batek Moyuan deskargatu egin zuen keinua eta estudiante baten ezpainetan kalera atera zen. Hor ahaurrasia Glovo-ko txirrindula batera igo zen eta etorbideko semaforo batean ezker eta eskumako oinezkoei ahoa zabalarazi zien. Ni harrapatu nau Marisarekin terraza honetan eserita -Te aburres conmigo -aurpegiratu dit saihestu ezin izan dudan ahaurrasia eta joan egin da kalean behera. Moyuarantz. BEHIN ETA BERRIRO Beti -badakizu- gertatu izan zait. Behin eta berriro egiaztatu behar dut kotxea itxi dudala. Etxeko atea mila aldiz ixten eta irekitzen dut argiak amatatu ditudala baieztatzeko; poltsikoan sartzen dut eskua tai gabe, ia halabeharrez, diru zorroa, giltzak… hor daudela ziurtatzeko. Uler ezazu, bada, gau eguerdian utz zaitzadala, musu -hain errealak dira, maitia- baten erdian, laztan baten erdian; uler ezazu utz zaitzadala, bihotza, estonaturik, airea besarkatzen eta honaino hel nadila, hilarri batek gogorarazteko behin eta berriz hilda nagoela hilda zaudela (Ipuin honen bukaera irakurleak aukeratuko du; agian hirugarren amaieraren bat bururatuko zaio) KARTOIZKO AKATSAK Emakumea pittin bat gehiago lurrean eserita dagoen eskalearengana hurbildu da eta oinen artean gizonak daukan kartoizko kartela arreta handiz irakurri du: Triste es pedir pero mas triste es aun rovar. Emakumea, errukiturik, makurtu egin da, poltsora eraman du eskua eta errotulki gorri batez akats ortografikoa zuzendu dio. Segundo amaiezin batez begietara begira geratu egin dira biak ¿Eso es… todo? -txiroak, zurtuta, galdetu dion arte. Les das la mano y te cogen el brazo -farfuilatu du emakumeak burua astinduz eta, eskuzabal, esaldiari falta zaizkion tildeak gehitu dizkio. 27. ZAPPING Esnatzean, gizonak emakumeak telebistako pantaila lauean itsatsi duen postita -Esto no funciona- aurkitzen du. Kanal guzti-guztiak primeran ikusten direla egiaztatuz ematen du eguna. Pasapalabra galdu egingo du... -bere bikotekidearen berandutzeari erreparatzen diolarik. 28. HAREA Butrek, alfonbra-saltzailea, astero irteten zen Damaskorantz. Bide erdian, merkatariak ekialderantz jiratzen zituen begiak, eta basamortuak oasi txiki bat erakusten zion. Butrek etsipen-irribarre egiten zuen: belaunaldiz belaunaldi, bere arbasoek ikustarazi zioten lorategi hura ispilu bat besterik ez zela, harearen bihurrikeria. Farukek, laborari, oasi baten lur txiki-txikia laboratzen zuen. Eguerdian burua mendebalderantz altxatzen zuen eta karabana luze bat ikusten zuen dunen artean. Izerdia lehortzeko segundo horien ondoren lanean jarraitzen zuen: bere arbasoek ulertarazi zioten zaldizko haiek ilusio bat zirela, basamortuko iruzurra alegia. 29. ITZALAK Trenean izan zen. Presaka jaitsi nintzen bagoitik eta ate automatikoak nire atzean itxi zitzaizkidan bezain pronto konturatu nintzen ez nuela nirekin eramaten. Eskua luzatu nuen berreskuratu nahian, irrikaz, baina konboiak aurrera jarraitu zuen. Ez; ez da zerbait galtzen dudan lehen aldia. Baina oraingo honetan, ordea, hain zen pertsonala, hain intimoa eta besterenezina, non pentsatu bainuen norbaitek aurkitzekotan itzuli egingo zuela. Itxaropentsu hurbildu naiz geltokiraino, eta leihatilan galdetu dut. Dirudienez – lasaiago sentitu naiz – ez naiz bere itzala hortik ahazten duen bakarra. Enplegatuak bat baino gehiago erakutsi dizkit, baina nirea ez zegoen beraien artean. Hain abailduta ikusi nau, ezen astebururako itxurazkoenetako bat utzi baitit: altua eta estilizatua da, eta ezin duzue – atletaren batena izango da- imajinatu zenbat kostatzen zaidan bere alboan mantentzea. Ea astelehena ahalik eta lasterren helduko ote den. 30. ZURE OHEAREN ALDEA Ez zara inoiz nire lekuan jartzen -aurpegiratu zion, harreman hura berehala etengo zela iragarriz. Gau hartan bertan, gizonak ohearen beste aldea okupatu zuen: emakumeak beraren garondoa konkistatzen zuelarik bikotekidea buruko min ikaragarria sentitzen hasi zen. 31. IZENORDAINAK -Orduan... zu eta bera, bera eta... zu bazarete… -Izenordainak, laztana. -Izenordainak baino ez...? -Pertsonalak... izenordain pertsonalak, maitia. 32. ZERGATIAK Bizitza ulergaitza da. Banoa trenez lanera irakurri ahal izateko edo… trenez noala irakurtzeko aprobetxatzen dut? Ez, ez dut bereizten -daltonismo mota bat izan liteke- zergaitien eta ondorioen artean… Zein da bizitzan egiten dugunaren benetako kausa edo, hobeto esanda, iturburu? Zer da bideratzen gaituena? Lortu nahi ditugun helburuak edo… halabeharrak? Atzo lo geratu nintzen nekaturik nengoelako edo… nekaturik nengoenez loak hartu ninduen? Agian -ez erotu- ez dira hain gauza desberdinak izango. Ez daukat ere batere argi ea berarekin ezkondu nintzen maite nuelako edo, berataz maitemindurik nengoenez, berarekin ezkondu nintzen. Edo ea berak engainatu ninduen maite ez ninduelako edo, nitaz amoraturik ez zegoenez, adarrak jarri zizkidan… Kontatzen dizuet ulertzen ez dudalako edo agian, ulertzen ez dudanez, kontatzen dizuet. 33. GOLDEN Gizakiak bereziki agindu zien Lorategi Botanikoko ale hura zaintzeko. Bi androideetako batek, estilizatuenak, fruitua hartu eta atsegin handiz hozka egin zion. Gero sagar hori dastatzeko eskaini zion bere lagunari, zalantzatiago ematen zuena. Garrantzirik gabeko mokadu horien ondoren, haien erregistro emozionalak biziki aztoratu ziren. Biak erabili behar izan zituzten atazarik latzenetan Sunioneko estazio hondatuan. Paradisu horretatik urrun, erbesteraturik... 34. PANDA Horretaz bai, oraindik, oroitzen naizela: tipo horri kafetegi lasaiak gustatzen zitzaizkion. Asko. Leku horietako mahairen baten inguruan biok jezarrita, bere eskumako eskuak nirea estali, bildu egiten zuen eta alde batetik bestera mugitzen zuen. Noizean behin -bazen oso keinu zehatza eta neurtua- beraren hatzek etenka eta samurki nire eskua sakatu egiten zuten; bere erakusle edo erdiko eriez klikatu egiten zidan begietara arreta handiz begiratzen zidalarik. Birus bat nire neuronak jaten zebilela esan nion arratsaldean, nire bizitzatik desagertu zen. Uste dut… -ez dut ongi gogoratzen- informatikoa zela. 35. GOIAN BEGO KOLDO MENDIGUTXIA GARAY JAUNA Meteorologo GOIAN BEGO Gorpuaurreko hileta-meza bihar, martxoak 24, arratsaldeko zazpi eta erdietan: zeruan erdi mailako hodei eta goi-hodei ugari agertuko dira; arratsaldean ostarteak gailenduko zaizkie eta eguzkitsu geratuko da edonon. Giro ona eta tenperaturak gora. Itsasoan ipar-ekialdeko haizea ibiliko da 36. EGOITZA Hirugarren biktima ostean Egoitzako zuzendariak adinekoak ekitaldia areto nagusian bildu zituen: saiatu esparrutik ez aldentzen eta ez fidatu alkohola edo zigarroak oparitzen dizkizuen edozein umerekin. 37. ESERI ZAITEZ Matiasek urte pare bat zeramatzan une haren beldurrez. Lehenago edo beranduago gertatuko zen, baina zergatik ez saiatu atzeratzen? Pilates, adinaren aurkako krema, praka bakeroak eta Grecian 2000 (litroka). Arriskua bilatzen duenak... – Matiasek pentsatu ohi zuen, eta jendez gainezkaturiko garraio publikoak hartzea saihesten zuen, kontsultategietako puntako orduak ekiditzen zituen. Itsumustuan izan zen, arineketan igo zen autobus batean. -Eser zaitez - esan zion hogei urteko neska batek adeitasunez, bere jezarlekutik altxatzen. Irribarre gozoa zuen, inoiz hutsik egin ez izanaren aurpegia. Inorengan fida zaitezen... 38. EURIA, ADIBIDEZ Gure munduan oso gauza xelebreak, sinesgaitzak gertatzen dira egunero; nonbait, arruntenak. Adibidez, euria egiten du: zerutik (geldiro edo gogorki) erortzen da ura! Adibidez, elurra egiten du; gero eta gutxiago, bai, baina noizbehinka leihotik ikusten duguna zurituta agerten da. Eta... ez dakit zuri baina niri substantzia zuri horrek harritzen nau. Eta musuak? Zer deritzozu musuari? Elkar irrikaz xurgatzeko ohitura hori... Eta zer esan beherapenei buruz… Eta eskailerak? Zorua… izurtzeko, tolesteko era aztoragarri hori…? Saiatzen naiz ez izutzen: aterkina naturaltasunez zabaltzen dut, kotxeari kateak jartzen dizkiot ezustekorik islatu gabe. Musukatzen dut eta musukatzen naute; maiatzean erosten dut datorren negurako berokia; urrian izozten dut Eguberri egunean bazkalduko dudan bisugia. Eta zer esan suaz? Zer deritzozu, doktor, suari? 39. GEHIGARRIA Abrígate gehigarria kontratatuko al duzu? – proposatzen dio bidaia-agentziako langileak, hegaldiko eta hoteleko bonuak luzatuz. Abrí...gate? –galdetu dio, harriturik, bidaiariak. Gure bezero batzuek helmugara iristen dira eta ezin diote inori deitu esanez jadanik hotelean daudela, hegaldia luzea izan dela… Bizitzak eta heriotzak uzten gaituzte, badakizu, hain bakarrik... Diru apurtxo bat gehiagogatik telefono zenbaki bat emango dizugu; tekleatuko duzu Moscutik eta beste aldean ama batek (Abrígate, tesoro), alaba batek (Abrígate, papá), emazte batek (Abrígate, cariño)... erantzungo dizu – pazientziaz azaltzen dio neskak. Jar iezadazu, mesedez, Abrígate, ladrón –erabakitzen du gizonak azkenean. Desiraren antzeko zerbaitek bere begiak zikintzen ditu. 40. JAIOTZA Carlitosek oraindik sinesten zuen Erregeengan bestela ez zukeen egingo egin zuena. Volveréis a ver al Niño si Melchor me trae la Wii -zioen mando azpian topatu zuten kaligrafia eskasako mezuak. Jaiotzan, San Josek zerura altxaturik zeuzkan eskuak, azalpen bat eskatuz bezala, eta Ama Birjinak, atsekabeturik eta pentsakor, erpuru husturik begiratzen zuen. Belén gero eta zalapartatsuago zegoen. Artzainak atarira hurbildu ziren gertatutakoak hunkiturik; kontzentrazio isil baterako deia egin zuten ibaiaren ondoan, eta mantso itzuli ziren beren lekuetara. Erromatar zenturioiak, legionario pare batekin, goroldioa eta harri kartoia ikertu zituzten, inolako emaitzarik gabe. Melchorrek alferrik bilatu zuen bere bidezorroetan mutiko hark eskatzen zuen trastea. Si llamáis a la Poli despedíos del Crío -mehatxatzen zuen mezuaren azkenengo lerroak.. Wii semearen oinetakoen ondoan utzi zuten. Gau osoan ez zuten lorik egin: ez zeukaten oso argi Carlitosek bere promesa beteko zuenik. 41. KABALGATA (Mahaiaren inguruan dagoen taldea adineko senar-emazte bikote batek eta orri laukidunetan arreta handiz idazten duten berrogei urte inguruko bi semek osatzen dute) AMA. (Zalantzati; hitzak ez ditu aurkitzen) Aitak eta biok uste dugu agian badela zuei jakinarazteko garaia AITA. Badakizue... Erregeak (ahotsa pixka bat jaitsiz, sekretu bat argituko balu bezala) 1. SEMEA. Zer errege...? AMA. Ba… Errege Magoak, idazten ari zaretenei 2. SEMEA Zer demontre gertatzen zaie? AMA. Errege Magoak... gu gara. AITA. Ama eta ni. (Seme-alabek elkarri begiratzen diote, harriturik: agian, bai, bada Geriatriko batera eramateko unea) 42. PI Somos diametralmente opuestos -esan zion arratsalde batean bere lehen emazteak maleta bat prestatzen. Diametrala... mente? -errepikatu zuen berak. Diametroa, badakizu... zirkulua zeharkatzen duen lerro hori... Zer gertatzen zaio? -sumindu egin zen. Zu mutur batean zaude, eta ni bestean -azaldu zion emazteak. Eta radioa? -ausartu zen galdetzen handik segundo batzuetara. Agian radioa kalkulatuz... Zertarako arraio kalkulatu nahi duzu radioa? Esamolde soil bat da, diametralmente... Baldin eta pi -senarra saiatu zen atea jada ixten zuen emakumea geldiarazten. 43. NAHIKO Kontuz gero, laztana, hitz batzuekin: uste dugu beraien esanahia ezagutzen dugula eta egunen batean txarto erabiltzen ibili garela jabetzen gara. Ni, adibidez, oso mutiko azkarra izan arren, suficientean geratu nintzen: -Ya es suficiente, cariño -esaten zidan amak, haruntzago ez joateko erregutuz edo lelokeria gehiagorik ez egiteko eskatuz. Eskolan halaxe ulertu nuen eta, halandaze, ez nuen astun, sobresaliente jarri nahi: Bilbao, Mario… suficiente. Ezta mugitu ere, ondorioztatzen nuen. Zaila izan zen gero azterketa guztietan bost zehatz bat ateratzea... -He oído suficiente- moztu zidan nire emazteak gureaz mintzatzen hasten nintzaiolarik. Une horretan, maitia, lehenengo aldiz hitz horren diptongo korapilatsuaz, t garraztaturik eta f zorrotz horietaz ohartu nintzen. Nire emaztearen suficiente horretan amaren pazientzia eta maisuaren ziurtagiria faltan bota nituen; beraien ordez, jakin-eza edo jakingura susmatu nuen. Horrexegatik gure harremanaren pasadizo gehiagoren berri ematen jarraitu nintzaion -Es más que suficiente -moztu zidan arte, 'Amar es para siempre' telesaiotik, lehenengo aldiz, begirada desbideratzen. Leihotik urriaren argi ahul, goibel, grisa… insuficiente (nire ustez) ailegatzen zitzaigun. Ez dakit. SOLAIRURAINO (EDO GORAGO) 44. BISTA EZINHOBEAK Zin egiten dizuet saldu nahi nuela; izan ere, berehalaxe jarri nuen kartela etxeko sarreran -SE VENDE- eta nire telefono zenbakia ere bai. Ez zidan inork deitu eta informazio gehiago ematea erabaki nuen: SE VENDE CASA. Baina ez nuen inolako eskaintzarik jaso eta, badaezpada ere, gehiago zehaztu nuen: SE VENDE ESTA CASA. Inork ez zuen batere interesik erakutsi. Agian -pentsatu nuen- "SE" inpertsonal horrek inmobiliaria batekin negoziatu behar dela adierazten dio jendeari. VENDO ESTA CASA, idatzi nuen baina hiru egun beranduago damutu nintzen "ESTA" horrek mesprezua islatzen zuela guztiz konbentziturik: "esta" (ditxosa, madarikatu, kaskar, nazkante) "casa”. Zuzendu nuen: VENDO MI CASA. Ordu batzuk pasatu ostean kendu nuen: iragarkia baino... etsipen, hondoratze, porrot... bekatuen aitorpena ematen zuen. Zorrek ahiturik nengoela uzten zuen begibistan testu horrek; bere familiaren etxean salmentan jartzen zuena edo miseria gorrian zebilen edota bihotzik gabeko tipoa zen. Amorruz NO SE VENDE ipini nuen. Geroztik erosle ugarik deitu izan zidaten galdezka ea zer zen salgai ez zegoena. NO SE VENDE CASA azaldu behar nien. ¿QUÉ CASA? –jakin nahi zuten. Telefonoak etengabe jotzen zuen eta irmo erantzun nuen: NO SE VENDE ESTA CASA. Azalpenak eskatzen zizkidaten: saltzeko oztopoez, zailtasunen zergaitiez... iluna zela nire mezua, gehitu zuen Murciako emakume batek: nahi eta ezin edo ezin eta nahi…? Filosofia hutsa... Milioi askoko eskaintzak helarazten zizkidaten eta arrapostu zorrotza eman behar nien: NUNCA VENDERÉ MI CASA. 45. TXEPETXA ETA HAIZE-ORRATZA Gainerako txoriek elektrizitate-hariteriak, antenak edota tximiniak nahiago izaten zituzten. Haize-orratz herdoildu haren gainean zegoen txori bakarra txepetxa zen. Haize-orratza talaia bikaina zen txepetxarentzat; haize-orratzetik abiatu eta haize-orratzera mila aldiz itzultzen zen. Txepetxak haize-orratzaren beso biluzia edertzen zuen; honek harro eusten zion, altxorra bailitzan.. Bikote eder hura azaroko arratsalde batean hondoratu zen: No paras en casa- esan zion haize-orratzak txoriari, hainbeste joan-etorri aurpegiratuz. Pues a ti te dan unas ventoleras, bonita -erantzun zion txoriak. Arratsalde hartan bertan, txepetxa parabolikoan bermatu zen. Haize-orratzak, hisiaz, bizkarra eman zion ipar-ekialdeko ezusteko haizea baliatuz. Elizako dorrearen atzean negua ezkutatzen zen. 46. EGURALDIAREN GIZONA Ez. Kanpotar horrek ez zuen azti, igarle ezta zahori ere ematen. Ez zeukan indar berezirik begietan, baldarki mugitzen zituen eskuak, eta lagundu egin behar izan zitzaion beraren kutxa plaza erdian jartzen. Ez zuen denbora galdu aurkezpenetan: kutxaren estalkia ireki eta katiuskak eta kapusaia atera zituen. Presaka jantzi zituen, zerura begiratu eta feltrozko aterki bat ireki zuen zeru oskarbian. Bi astez euria egin zuen. Urtegia bete eta lehorte kementsua amaitu zen. Atzerritar hori jauregian bizi izan zen ordutik, bere fardel magikoarekin. Hainbat urtez erresumaren beharren arabera jantzi zen, sega eta mahats-bilketa ziurtatuz. Urtetan elurra izan genuen urtarrilean, eta eguzki epel bat maiatzean. Urtetan negua ez zen gogorregia izan, ezta uda mina zorrotzegia ere. Urte askotan ipar-ekialdeko haize gordina haize-orratzak apenas mugitzen zituen haize ahul bat izan zen. Erregeak, hain harroputz, egun bat eskatu zion otsailean hondartzaz gozatzeko. -Gariak, maiestate, euriaren zain daude aletzeko; uztailean denbora soberan izango duzu horretarako! -pazientzia eskatu zion. Eguraldiaren gizona hil zuten, eta, ordutik, erregeak, nahi bezala, bere jantziak jarri zituen. Pena da printzesak maiatzean eskiatzeko gogoa sentitu izana: laranjondoak hain zeuden ederrak… 47. SORGIN-GURPILEAN Baneukan bizkarreko mina… Jasangarria: oraintxe damutu egiten naiz. Traumatologoak igeri egitea aholkatu zidan, eta ni, formal-formal, egunero igerilekura joaten hasi nintzen. Lunbalgia bigundu egin zen baina horren ordez, atzamarren artean azkura nabaritzen hasi nintzen, denborak erresumin bihurtu zuena. Dermatologoak pilula batzuk errezetatu zizkidan nik, esaneko, jatordu ondoren hartzen nituenak. Onddoak, bai, desagertu ziren baina botikak bihotzerrea sortarazi zidan. Digestio espezialistak janari garbiak eta arroz zuria gomendatu zizkidan. Nik, desesperaturik, dieta horri, meneko-meneko, eutsi nion. Azidotasuna leundu zen, baina malankoniak hartu ninduen, hilabeteek tristura eta apatia bihurtu zutena. Psikiatrak burdin anpoilak eta laranja koloreko antidepresiboak errezetatu dizkit eta nik, zintzo-zintzo, irensten ditut. Gogoa berreskuratu dut, baina gaur kontsultaren dibanetik altxatzean bizkarreko mina bueltatu zait. Pairagarria; egia esanik ez da beste munduko gauza. 48. SIKIERA Bai, badakit ez duela ematen, etxetresna bakuna eta maliziagabea dirudiela, baina kontuz gero hozkailuarekin: umeon marrazkiak, erosketen zerrenda eta urologoarekiko data itsasten ditugun ate inuzente horren atzean -sinetsidazue, mesedez- ustekabeko arriskua ezkutatzen da. Gabonetan zabaldu eta traste horren behekaldean azaroa topatzen duzu. Bai, ados, azaroan izoztu genuen bisigua, baina azaro, azken finean; udazkeneko (ez gara konturatzen…) negu gorrira erakarritako une bat baino ez da. Asteazken batean ireki eta beraren lehenengo apalean astelehena topatzen duzu. Bai, ados: astelehenean bukatu ez zenuen filetea; tupperean espetxeraturik baina astelehena azken finean. Egutegia ahaztuz, astelehenaren txatal hori afaltzea erabakitzen duzu eta sartaginean buelta bat ematen diozu ea beroak bigunduko duen asteazken bihurtzeko asmoz, olioak astearteko eguerdira sikiera itzuliko delakoan. Ostiral honetan asteazkena topatu dut hor. Ados, bai, asteazkenean jan ez nuen makailu xerra, baina bigarren apalean utzitakoa asteazkena zen azken finean. Albalez tuneaturik, pil pilean lurperaturik, baina asteazken, zalantza barik. Astiro baino astiroago murtxikatu egin dut ostiral bihurtzeko edo, sikiera, osteguneko arratsalde... Baina aldi honetan asteazkeneko minuto horiek sabelean geratu zaizkit geldirik, noraezean, goitik edo behetik nire gorputzatik larunbateko goizaldera ihesi nahian. Nire urdailak, minduta, eroarena egiteaz ase dagoela, ez duela azken iruzur hori irentsiko jakinarazten dit garrasika. Beldur naiz, komunetik ateratzen ausartzeke, iraganeko oihalki horren orainaldirako bidaiak hondaturik. Sukaldetik hozkailuko burrumba eztitsua honaino ailegatzen zait. Sua, gurpila, bolbora bera ere… baina hotz kutxa horrek -sinetsidazue, faborez- urrunegi eraman gaitu. Eta, agian, hortik ez dago bueltatzerik. En fin. 49. KAIROBEko ITURRIA Denbora dugu medikurik onena (hiltzailerik krudelena ere…) Pablo Soano Diotenez, Abu Bassed, zocoko txiroen medikua, Damaskoko sendagilerik ospetsuena izan zen. Halakoxea zen bere fama, non Farid El Hanafyk, hiriko jaunak, gizon jakintsu haren eskuetan utzi baitzuen bere seme nagusiaren osasun delikatua, malenkoniak preso. Printzeak pobreen ilara bukaezina horretan jarri eta martxoko eguzki gupidagabearen azpian itxaron behar izan zuen. Bere txanda iristean, Bassedek deskubritzeko eta espartzuzko jarapa baten gainean etzateko eskatu zion. Gero medikuaren hatzek gaztearen sabela, bizkarra eta orkatilak ikertu zituzten. -Kairobeko iturburutik urak irribarrea bueltatuko dizu. Bidaiatu egin beharko duzu, hori bai, bakarrik eta ezinbestekoenaz – gaineratu zuen Bassedek, hurrengo gaixoari aurrera egiteko aginduz. Urriko goiz batean, Atlaseko elurrak elikatzen zuen iturri galdu horretarantz abiatu zen printzea. Butreken ontziratu eta Tozeurreraino joan zen gamelu baten bizkarrean; mila aldiz galdu zen mendikatean eta karabana bati esker basamortuko labirintoaren irteera topatu zuen. Azkenean, udako arratsalde batean, Sijeko haitzarteak iturri haren aurrera eraman zuen, eta egarria ase arte edan zuen. Handik gutxira ederki sentitu zen eta ez zen gelditu Damaskora iritsi arte. Espezien usainak zokoraino gidatu zuen. -Arrazoia zenuen, jauna. Kairobeko urak sendatu nau. -Oker zaude: ez zintuen iturriak sendatu -erantzun zion medikuak-, iturria aurkitu arte egin behar izan duzun bideak baizik. 50. NINO BRAVOREN ABESTIAK TXISTUKATZEN ZITUEN GIZONA Txiki txikitatik nire heziketari utzi behar izan nion eskolara joateko. G. B. Shaw Lehen hezkuntzako ikasketen ondoren, nire gurasoek menetar praileen eskuetan nire heziketa utzi zuten. Horrela, nerabezaro gorrian, Latina, Geografia edo Matematika irakatsi zidatenak sotanadun eta keinu zorrotzeko gizonak izan ziren, ikasgeletan diziplina eta isiltasun ia militarra ezartzen zutenak. Horko iraultza posible bakarra hitzarena zen. Por supuesto, Don Servando; ¿Da usted su permiso para ir a baño, Don Bruno? ; No volverá a ocurrir, Don Claudio -beraien aurrean geundelarik itxurazko erreberentziaz tratatzen genituen irakasle horiek klase tarteetan, patio orduetan eta komunetako ateetan El Pikolín, El Locomotoro, el Simca edo el Lorzas deitzen genien. Egia esanik, ikastetxe horretara heltzen zen fraide berria berehalaxe bataiatzen genuen goitizen krudel batez. Baina… Ricardorekin dena desberdina izan zen: inork ez zukeen imajinatuko bakeroetan ile luzedun tipo hura Konpainia horretako beste kide bat zenik; berarekin ikasi genuen, tolerantzia eta malgutasunaz aparte, Historia. Lehen egunetik gure konfiantza lortu zuen: begirada adeitsuko gizona zen… Nino Bravoren abestiak txistuka zebilen korridoreetan. Txundituta entzuten genion – Mayen, grekoen, iberoen, Atahualparen... lekuan, azalean jarri- beraren irakasgaia berregiten, eraikitzen. Tamalgarria izan zen maiatzeko arratsalde hartan ekaineko bero itogarri hori izatea eta honen ondorioz klasea hain aztoratuta egotea; benetan tamalgarria izan zela Ricardori azkenean pazientzia bukatzea eta kolpe garratz hura mahai gainean ematea, gure pepelerdo hutsen portaera kontrolatzeko asmoz. A partir de mañana esto va a funcionar como un cuartel. Y de ahora en adelante me llamaréis siempre con Don -esan zigun beragandik espero ez genuen tonu suminduaz. Noizean behin bere onetik ateratzen genuen arren, Don Ricardo – El Condón – maisu ahaztezina izan zen. 51. NATURALTASUN OSOZ Bere poltsan giltzak bilatzen zituelarik, adibidez, eta nahaste horretan bostehun euroko bilete-sorta bat, giltza ingeles bat, azulejo bat edo tenis-pilota bat ateratzen zituen barrutik, eta objektu horiek mahai gainean jartzen zituen bakoitzean, nik-maite dut eta..- ezer ikusi ez izanarena, eroarena egiten nuen. Errutinak ohiko bihurtu zuen ezohikoa, eta agenda bila, adibidez,bizar-labana bat edo prismatiko batzuk lurrera erortzen bazaizkio, jaso besterik ez ditut egiten, eta larunbaterako planak egiten edo erosketaren zerrenda adosten jarraitzen dugu; bai elkar musukatzen jarraitzen dugu, berak berriro gordetzen dituen bitartean gizon-zapata, kable eurokonektorea edo Ford baten haizetako-garbigailua. Denborak ulerterazi egin dit ez duela inolako zentzurik jakiten saiatzeak nondik arraio atera duen, preserbatibo baten bila dabilelarik, ohe gainean utzi berri duen animalia hori. -Karramarro bat da – lasaitu egin nau krustazeoa burukoaren azpian babestera korrika doan bitartean. -Errekakoa? –galdetu izan diot. EGIA ETA BESTE GEZUR BATZUK Gogoratzen ez dugun (hori bai deigarria dela) egunen batean lehenengo aldiz gezurtu genuen. Utz dezagun aparte zergatia: garrantzisuena da, une hartan, umetan ziur aski, errealitate paralelo bat sortu genuela. Ni ez naiz izan, ama. Nik ez nuen apurtu, Don Tomas… Ez da andereñoa etorri… Oparitu didate baloia… Sei urte dauzkat… Leka guztiak jan egin ditut... Ez izan gezurti -esan ziguten, asmatu berri dugun (egiazkoa baino borobilagoa, benetakoa baino erakargarriagoa, gertatutakoa baino sinesgarriagoa) istorio horri kasu egin barik, bertsio hori ia entzun gabe. Gero norberak bikaindu eta erabili izan du baliabide, tresna zoragarri eta ezinbesteko hori helburu ezberdinetarako; denok, bizirik irauteko. Nik... idazten dut. En fin.
“Eta nobela, fideltasuna”, idatzi du Elenak bere koadernoaren lehen orrialdean. Hasiera on bat izan daitekeela otu zaio. Baina berriro ere galdetu dio bere buruari ea komeni den alderatze hori egitea, ez ote den egokiagoa ipuingintzaz izaki guztiz independente batez bezala aritzea: ea ez duen esaldi horrek erakusten nobelagintzarekiko mendekotasun amiñi bat lotsaemangarria, abiapuntutik bertatik, hain zuzen ere ipuingintzaren berezkotasuna eta autonomia aldarrikatu beharko lukeen testu batean, liburu hartarako enkargatu dioten balizko hitzaurrean. Balizkoa, oraindik ez delako ezer. Beraz, orain zirriborratzen hasi den eskema, itsasoari begira dagoela, agian bihurtuko da noizbait ipuingintzari buruzko hitzaurre bat. Edo agian ez. Eta gogoan hartu du Aritzekin eskolan izandako eztabaida hura, ipuingintzaren ezaugarriez eta jatorriaz: genero bezala nobela baino askoz lehenagokoa zenez, azaldu zien gelako ikasleei Elenak, biziraungo ziola defendatzen zuela Jorge Luis Borgesek, esaterako. Aritzek besoa altxatu zuen orduan, eta Elenak hitza eman zion. –Baina hori pixka bat tranpa egitea da, ez duzu uste? Ipuingileei, argudio hori erabiltzen dutenean, ahazten zaie defendatzen duten horrek zerikusi gutxi duela, sakonean, ipuin tradizionalarekin. Haiek praktikatzen dutena nobela bezain garaikidea dela, garaikideagoa ez bada. –Zer esan nahi duzu horrekin, Aritz? –Tira… Ipuingintza, egun ezagutzen dugun bezala, Erromantizismotik datorrela: Hoffmann, Hawthorne, Poerengandik. Edo agian Ilustrazio garaitik, askoz jota. Hots, nobela bezala, iraultza burgesaren oinordeko dela. Nobela baino geroagokoa, akaso. –Zer ari zara iradokitzen: ipuingintzaren modernizazioa nobelaren formaren garapenaren ondorio izan zela, haren bilakaeraren aurreko nolabaiteko erreakzioa? –Elenari ideia hura atera izana gustatu zitzaiola nabarmena zen: atsegin du ikasleek pentsarazten diotenean, eta hori ez da horren ohikoa–. Leku onean utziko lituzke horrek ipuingile gaixoak, betiere kariñoaren eta generoaren aldeko argudioen gose dabiltzanak…! Elenak ez zuen jakin bere entzuleek, hirugarren ikasturteko filologo-gai haiek guztiek, ironia harrapatu zuten. Aritz bera galduta zegoela ematen zuen, botatako amuari kosk egiteko ezgai. –Bueno, ez dakit… Elenak aurrera egitea erabaki zuen. –Ezin da ukatu, ordea, hari bat badagoela denboran, ipuin eta fabula tradizionaletatik datorrena, eta haien eragina egon, egon zela ipuin garaikidearen erakuntzan. –Laburtasun konpartituaz harago, esan nahi duzu…? –ildo horri ekiteko Aritz prestatuago zegoela ematen zuen. –Laburtasun konpartituaz harago, bai –erantzun zuen irakasleak irribarre zabal batekin–. Pentsa dezagun Dekameronean, adibidez, edo Cervantesen ipuinetan, dela Eleberri eredugarriakekoetan, dela On Kixote Mantxakoan sartu zituenetan. Edo Lucanor kondearen ipuinakekoetan… Horietan, adibidez, egiletasuna aldarrikatzen hasten da, ipuin tradizionala, definizioz, kolektiboa zenean, belaunaldiz belaunaldi transmititua eta behin eta berriro eraldatua… Elena kontziente zen operazioaren arriskuaz, behin baino gehiagotan kontu beraz eztabaidatu baitzuen bere senarrarekin. Izan ere, ipuin horiek guztiak ipuin garaikidetik banatzen zituen hesi nagusia morala zen: esplizituki edo inplizituki barneratzen zuten ikaskizuna, ipuingintza garaikideak baztertzen duena hain zuzen. Baina disfrutatzen ari zen ideia-trukearekin, eta Aritzek nola erantzuten zuen ikusi nahi zuen. Ez zion hutsik egin. –Dekameroneko istorioak ipuin tradizional herrikoien estilizazio bat besterik ez dira –ekin zion Aritzek, pixka bat dudakor, eta hitzak dardarizo moduko batekin ahoskatuz, memorian arakatzen ariko balitz legez–. Alde horretatik, esango nuke haien lotura ipuinaren forma modernoarekin oso badaezpadakoa dela… On Kixoteko barne-ipuinez, bestalde, zer esan… Nobelaren generoaren Big Bangaren unean bertan kokatzen gaitu horrek atzera, ez duzu uste? Zorionez, Eleberri eredugarriakez eta Don Juan Manuelez ahaztu egin zen, hor ere bazegoen nondik tiratu-eta, pentsatu zuen Elenak. Edonola ere, Aritzen interbentzioak excursus mamitsu baterako aukera eskaini zion irakasleari, eta egun hartan pozik atera zen eskolatik, aspaldi ez bezala. Gero, atzera begira, Aritzez egun horretan bertan maitemindu zela erabaki zuen. Nahiz eta ziurrenik ez eskolan zeuden bitartean –burua okupatuegi zeukan une horretan eztabaida eta azalpenetarako argudioekin–, baizik eta ondoren, Aritz bulegora etorri zitzaionean tutoretza-orduan, bibliografia gehigarriaz galdezka. Halako uneak, edonola ere, denborarekin baino ez dira bihurtzen esanguratsu. Ikaslearen bisita amaitu eta Elenak ez zion esan bere buruari “maitemindu egin naiz”, zehazki. Baina handik egun batzuetara gogoratu –edo berrasmatu– zuen sentitu zuena, eta orduantxe izan zela ohartu zen. Izan ere, une hartatik aurrera ez zion Koldori ezer kontatu “beraz gustatuta zegoela zirudien” ikasle hari buruz, ordura arte, txantxetan, egin izan zuen bezala, senarraren bozkario ironikorako. Ipuingintzaren inguruko hitzaurrea, beraz. Nondik hasi da arazoa, ikasgelako eztabaida hura gogoan: munduaren egunsentira atzera eginez, eta ipuina betidanikoa, immanentea dela aldarrikatuz, nobela eta are poesia baino lehenagokoa. Ala zuhurragoa izan eta erabakitzea ipuingintza, Elenak zinez miresten duena, hainbestetan izan duena hausnarketa gai irakasle eta irakurle gisa, jatorri berriagoa duela eta, ondorioz, izango duela, noizbait, iraungitze data ere, idatzizko literaturako gainontzeko genero literarioek bezala. Agian hori da zuzenena, eta hizpidera ekartzea, Juan Garziak Lur Hiztegi Entziklopedikoan gaiari buruz argitaratutako artikulu gogoangarrian egin bezala, ez dela kasualitatea hizkuntza askok, ingelesak bezala, bi hitz erabiltzea genero biak desberdintzeko, “tale” ipuin tradizionalerako, eta “short story” helduentzako ipuin garaikiderako. Izan ere, ezin da kasualitatea izan, orobat, ipuin tradizionalaren eta modernoaren arteko bidebanatze hori, Aro Berriaren amaiera aldera, “haur eta gazte literaturaren” kontzeptuaren sorrera garaiaren une bertsuan gertatzea. Arlo bat zeinetara lotuta gelditu baitziren, maitagarri-ipuin izenpean, ipuin tradizional ez gutxi. Kontu horiek ere apuntatu ditu Elenak bere kaieratxoan, eta, arkatz gorri fin batez, gezi batzuk marraztu ditu esaldietako batzuen artean. Bista altxatu eta hondartzaren kontra burrunba eztanda egiten duten olatuak begiratu ditu berriro ere. Eta erlojuari begiratu bat eman dio: goiz da oraindik. Zerbeza gehiago eskatu beharko lukeela otu zaio. Kaierara itzuli eta marra lodi ilun bat marraztu du “i. tradizionala” eta “i. garaikidea” horien artean. Baina ipuin tradizionalaren eta garaikidearen arteko leizea onartuta ere, pentsatu du, arazoa da narrazio literarioaren esentziaz ez dagoela adostasun osorik: ipuingileek haien ofizioaren inguruan eskaintzen dituzten ikuspegi ezberdinak eta maiz kontraesankorrak konparatzea besterik ez da behar. Baina laburtasuna generoaren izendatzaile komun oinarrizko bakartzat hartzea, autore batzuek gomendatzen duten bezala, ez zaio Elenari asegarria iruditzen. Ipuingintzaren esentziaren bat badagoela uste du, testuaren luzeraz gaindikoa. Eta hori iruditzen zaio lortzen duela, neurri batean, bere formulazioarekin: “Ipuina adulterioa da, eta nobela, fideltasuna”. Koadernoan gora itzuli eta bi aldiz azpimarratu du esaldia arkatz gorriarekin. Tripetan min leun bat sentitu zuen Elenak Aritz, egun hartako eskola amaitu eta gutxira, bulegoan sartzen ikusi zuenean, tutoretza orduan. Tripak beti izan dira zure kronometro morala, esan ohi dio Elenak bere buruari: zehatza, gupidagabea, isila bezain ahalkegarria. Barrenean, ernalkinetatik ez hain urrun, unean uneko hustasun bat sentitzen du halakoetan, eta badaki zerbait gertatzen ari zaiola, zerbait aldatzen ari dela. Bere senarrak esango luke “Indarrean alterazio bat sumatzen duela”, Star Warsekiko bere zaletasun gogaikarri hura hizpidera ekarriz. Egun horretan bezala, dena delakoari izena jartzen geroago arte asmatu ez bazuen ere. Izan ere, min huts hori, leuna izan arren, hain izan zen zehatza, ezen ahaztu baitzitzaion Aritzi errieta egitea bulegoko atea ez jotzeagatik, ikasleek gero eta gutxiagoetan egiten duten zerbait, bestalde. E-mailetan idazpurua ez jartzearen edo despedida gisa “Besterik gabe” idaztearen baliokide fisikoa, Elenaren ustez, horiek ere gero eta izurri zabalduagoak estudianteen komunikazio-ohituretan. Ipuingintzaren inguruko bibliografia gomendagarriari buruzko azalpenak ematen zizkion bitartean, bien arteko adin-desberdintasunean pentsatu zuen, lehenengo aldiz, Elenak. Aritz bere ikaskideak baino pixka bat helduagoa zen, justu une horretan ezin zuen jakin zehazki zenbat, ikaslearen fitxa tiraderan zeukalako eta ez zelako ausartzen, haren aurrean, irekitzera eta kontsultatzera. Baina bazekien gutxienez hogeita bost edo hogeita sei urte zituela, eta ez besteek bezala hogei edo hogeita bat, lauhilabetekoaren hasieran, aurkezpen ekitaldian, hura bigarren gradua zuela azaldu zielako Aritzek, lehenago beste bat burutu zuelako; Zuzenbidea zen, ala Zientzia Politikoak? Zientzia Politikoak, esango zukeen. Hori ere fitxan apuntatuta izango zuen, baina ezin begiratu orduan. Edonola ere, kalkulua egin zuen, eta adin-diferentzia irrigarria zen guztiz, hogeita hamar urte ingurukoa. Hogeita bederatzi edo hogeita zortzi, onenean. Ziurrenik gehixeago. Elenak bere seme-alabekin duenaren antzekoa. Tiradera zabaltzeko eta ziurtatzeko bulkadari eutsi behar izan zion, Harold Bloomek literatura unibertsaleko ipuinik bere ustez onenez zioena aletzen zuen bitartean. –Dena den –Aritzek Elenaren hitzen eta gogoeten hari bikoitza moztu zuen–, benetan uste duzu ipuin fantastikoaren eta errealistaren arteko banaketa hori, Poeren eta Txekhoven artekoa, ipuingintzaren bi ildo handiena, atxikigarria dela oraindik ere? Klasean horrela azaldu diguzu, baina niri pixka bat zaharkituta dagoela iruditzen zait. Ipuina askotarikoegia da, egun, bi eredu horietara egokitzeko. –Beno, azalpen horrek tradizio handia dauka, Aritz –Elenak mantso hitz egin zuen, betiere bere idazmahaiko kaxoia gogoan zuela–. Eta irakastea, askotan, ikasleari klasifikatzeko kutxen sistema bat eskaintzea da, tiradera txikiz osatutako komoda kontzeptual moduko bat; ez dakit ulertzen didazun. Edukiak eta ezagutzak kokatzeko mapa bat, gero, denboraren poderioz, eta ikertzen edo hausnartzen jarraitzen badu, ikasle ohiak nahierara berrantolatu ahal izango duena. Horretarako iruditzen zaizkit erabilgarriak halako sailkapenak, arazoren bat edo beste eman dezaketen arren. Baina… –Orduan –moztu zion ikasleak–, non kokatu ia hasieratik bi ildotan aldi berean aritzen ziren idazleak, Maupassant edo Quiroga adibidez? Gaur egun ere… –Ez dut bukatu, Aritz –erantzun zion Elenak irribarre batez–. Esan nahi nizuna zera zen: nire iritzi zehatzaz galdetzen badidazu, ezetz erantzungo nizukeela, ez daudela bi ildo, bakarra baizik. Ipuin fantastikoarena. Eta kito. Eta dena dela ipuin fantastikoa, baita errealista bezala aurkezten dena ere. Bi arrazoiengatik: bat, historikoa, ipuin modernoaren jatorria hor dagoelako, Edgar Allan Poerengan batez ere, nahiz eta kronologikoki ez den horrela, akaso. –Poek ez zituen soilik ipuin fantastikoak idatzi, ordea. Hor daude bere detektibe ipuinak, esaterako… –Eta zuk uste duzu genero poliziakoa ez dela literatura fantastikoaren adar bat, ala? Literatura mota bat zeinetan poliziak, batzuk bederen, zintzoak baitira, eta, amaieran, justizia nagusitzen baita…? –Tira… –Elenari samurra iruditu zitzaion ikaslearen lotsagorritzeko modua, bere zirtoaren aurrean. –Kontua ez da hori, Aritz. Kontua da, eta protesta dezala Bloomek nahi duen bezainbeste, oso idazle zatarra zela pentsatzen baitzuen, kontua da, diot, Poe izan zela, Hawthorneri jarraituz, ipuin literarioaren forma sistematizatu zuen lehenengoa, eta horregatik dagokio pribilegiozko aipamen hori, nire ustez. Eta operazio hori literatur munduaren bazterretan eraman zuen aurrera, bide batez esanda, eta ez kasualitatez, garai horretan Estatu Batuetakoa ez baitzen britainiar sistema literarioaren periferia urrun bat baino: ordutik aurrera hasi zen literarioki independizatzen; baina, beno, hori beste kontu bat da. Edozein modutan ere, historikoaz gain, beste arrazoia ipuin guztiak fantastikoak direla esateko, are “errealistak” deritzogunak ere, kontzeptuala da: ipuin batek amaiera bat inplikatzen duelako, forma itxi bat delako, esentzialki, eta hori guztiz artifiziala delako, naturaz gaindikoa, eta, ondorioz, fantastikoa. Ez du bizitzarekin lotura zuzenik. Nobela, ordea, irekia da definizioz, bizitza imitatzen, ordezkatzen saiatzen den neurrian, eta horregatik da, berez, “benetako” errealismoaren babeslekua. Ipuinaren literatur generoaren forma da, oinarrian, fantastikoa dena, edukiaz harago: berdin dio narrazioa mamu baten ibilera harrigarriez ari bada, edo etxekoandre baten eguneroko zoritxarrez. Gero, jakina, arautiko desbiderapenak daude, ipuinera hurbiltzen diren nobelak, eta nobela izpiritua duten ipuinak, baina hori beste arazo bat da: gauza bat dira tipo idealak, Max Weberrek azaltzen zituen bezala, eta beste bat aldaeren azkengabetasuna; hori ikasiko zenuen bere garaian, ezta? –Weberren tipo idealak? Zergatik aipatzen didazu hori? –Ez zenituzten Zientzia Politikoetan aztertu, akaso? –Ez, nik ez nituen Zientzia Politikoak egin, Zuzenbidea ikasi nuen… –A, bai, Zuzenbidea; barkatu. Bueno, hor ere ez litzaizuekeen gaizki etorriko Max Weber pixka bat estudiatzea, alafede… –Gradua egin nuen, bai, baina aitor dut ez niola pasio gehiegirik eskaini… –Zer dela eta? –Gurasoen inposaketa izan zen; bueno, aitarena batez ere –Elenak jarraitzera animatu zion begiekin–. Gradu “serio” bat egin nezan nahi zuen, etorkizunerako “oinarri” bat eskainiko zidana. –Filologia ez bezala. –Literatura ez bezala. Horregatik egiten ari bainaiz filologia, literaturagatik. Baina hori, jakina, nik ordaindu beharra daukat, gurasoek ez didate sos bat eman bigarren gradua egiteko… –Ez didazu esango idazlea izan nahi duzula… –Elenak beste samurtasun kolpe bat sentitu zuen bere baitan. –Eee… –Ba kontuz ibili. Hori bada zure ametsa, ez nuke zapuztu nahi, baina halakoetan beti gogoratzen naiz Gabriel Zaidek esan zuen zerbaitez, buruz aipatuko dudana, baina gutxi gorabehera honela zioena: idazle gazte batek nobelak idaztearekin amesten du, baina prestakuntza falta zaiola sentitzen du. Eleberrigile handiak irakurtzeko aholkatzen diote, baina jatorrizko hizkuntzan. Dostoievskirekin liluratzen da, eta hogei urte geroago ez da eleberrigilea, errusierazko itzultzailea baizik. Edo letretan doktoretza ateratzeko aholkatzen diote, narratologian espezializatuta, eta hogei urte geroago ez da nobelagilea, semiotika irakaslea baizik… –Dostoievskirekin baino, Txekhovekin zehatzagoa izango litzateke, nire kasuan… –Zure gustua goraipatu baino ezin dut –esan zion Elenak, erreberentzia moduko bat zirriborratuz idazmahaiaren beste aldetik–. Bide batez, Txekhov ez da benetan idazle errealista bat, moralista bat delako, funtsean. Baina hain ondo disimulatzen du, ezen errealismoaren zakutoan sartzea, abiatzeko behintzat, zilegi baita haren kasuan… Elkarrizketa hark bide horietatik jarraitu zuen pixka bat gehiago, Aritzek bere koadernoa jaso, eskerrak eman eta agur esan zion arte: bostekoa eskaini zion despeditzeko, Elena harritu zuen keinu batekin, eta emakumearen eskuari espero izatekoa zena baino luzeago heldu zion, edo hori iruditu zitzaion behintzat, eta pixkana erretiratu zuen, hatzak mantso irristatuz bere ahurrean zehar; emakumeak berriro sentitu zuen hustasun mingarri hori urdailaren azpialdean. Ikasleen fitxategia atera zuen atea itxi bezain laster, eta Aritzena bilatu zuen. Zuzenbide ikasketena ondo apuntatuta zeukan, auskalo nondik aterako zuen Zientzia Politikoena. Adin desberdintasuna hogeita hamabi urtekoa zen, zehazki. Irrigarria baino gehiago. Zergatik ez, baina? Azken batean, ez zen bera izan Aritzengana jo zuena, alderantziz baizik, mutila izan zen so horiek botatzen hasi zitzaiona, bere begi berde-marroixka sakon haiekin, eta behin eta berriro parte hartzen zuena eskoletan, ikaskideentzat gogaikarri suertatzeraino batzuetan, eta etengabe egiten zuena berarekin topo fakultateko korridoreetan eta bibliotekan. Hasieran, Koldori kontatzen zionean, gaininterpretazioan erortzen ari ote zen galdetzen zion, barrez, bere buruari, baina Koldok esaten zion zergatik ez, gauza horiek gertatzen zirela, erakarpen intelektuala egitate bat zela, eta mutilak pena pixka bat ematen ziola. Elena ez zen sekula emakume ederra izan, baina hori, bere buruari aspalditik esaten zion bezala, abantaila bat zen epe luzean, gaztetan oso goapoak zirenek areago egiten zutelako behera adinarekin, bera bezalakoek ondo, are hobeto eusten zioten bitartean. Gainera, hor zegoen erakarpen intelektuala, noski, itsasargi bat bezain indartsu. Eta senar-emazteek barre egiten zuten elkarrekin txorakeria horiekin. Orduan txantxa bat bezala hartzen zuen, edo zuten, baina ipuingintzaren inguruko eztabaidaren egun horretatik aurrera Elenak sentitu zuen ez zela gehiago hala izango, ez modu berean behintzat. Eta ez zizkion gehiago kontatu Koldori ikasle haren ingurukoak. Senarrak, bere aldetik, ez zuen berriro hartaz galdetu. Eztabaida haren oihartzunek, baiki, oraindik elikatzen dituzte Elenaren hausnarketak, hitzaurre horretarako erabili nahi dituen ideia zirriborratuek argiki salatzen duten bezala. Arazoa da nola jarraitu ipuin guztiak, funtsean, fantastikoak direla argudiatu ondoren. Ipuingintzaren historia labur bat eman dezake ondoren, XVIII.-XIX. mendeko hastapen horietatik abiatuta XXI. mendeko bigarren hamarraldira arte. Baina, nola antolatu? Linealki? Ez dirudi ideia onena, ipuingintzak literatura nazional bakoitzean izan duen pisu espezifiko ezberdinari kasu egiten bazaio. Emergentzia-une diferenteez aritu daiteke, halaber, eta XX. mendeko ipuin estatubatuarraz hitz egin, ipuingintza-izebergik garrantzitsuena ziurrenik, objektibismorako eta konbentzionalki errealismoa deitzen den horretarako bere joera sikuarekin –nahiz eta ez den horren sikua Hegoaldeko idazleen ekarpena kontuan hartuta, esaterako–. Eta Kafkaren ipuingintzaz eta Europa Erdialde-ekialdeko tradizio guztiaz, fantastikorako jite berezi horrekin, Italiako ipuingile batzuk ere hartzen dituena bere baitan. Eta boom garaiko ipuin iberoamerikarraz eta errealismo magikoaz, García Márquez, Rulfo edo Carpentierrekin. Baina zeinetan, bestalde, hain zaila baita Borges edo are Cortázar bezalako ipuingileak sartzea, garaikoak izan arren: Elenari beste zerbait iruditu zaizkio betidanik. Eta klasifikatzeko gero eta zailagoak eta lainotsuagoak bihurtzen ari diren egungo joeren nahas-masa, non mota guztietako bideak bizi eta garatzen diren elkarrekin, erradikalenetatik arauzkoenetara, hainbeste ezen egile eta ikerlari batzuek, antzinako poetika zurrunen baliagarritasun eza azpimarratuz, postipuinaz hitz egiten baitute, Eloy Tizónek defendatzen duen bezala. Nahiz eta hori, Elenarentzat, ez den generoaren barruan dagoen esperimentatzeko eta mugekin jolasteko gogoaren isla baizik. Esperimentazioa, nobelaren ikurra izan zena XX. mende ia guztian zehar, agian 1970eko hamarraldira arte, errazago egiten duelako ipuingintzan habia gaur egun, nobelagintzak, merkatuaren gora-beheren mendekoago denak, konbentzionalagoa izateko joera duen bitartean. Colm Toíbínek ondo azaltzen zuen: libreago sentitzen zela ipuinak idazten dituenean, nobelak baino, “ipuina inozentea delako munduarekin duen harremanean. Ez du ezer nahi. Artearen aldeko artea da. Poesia idaztearen antzeko zerbait”. Elenak argi daukana ipuingintzaren independentzia da, beste literatur generoekiko diferentzia erradikala alegia, eta hitzaurrean hori azpimarratuko duela uste du. Nobelarekiko distantzia, batik bat. Beti dagoelako jendea, are irakurzalea dena, ipuina nobelaren morroitzat jotzen jarraitzen duena, nobelarako prestakuntza urrats bat balitz bezala, edo proba-leku hutsa. Eta Elenak badaki ez dela hori, inondik ere, eta badaudela ipuinlari petoak, sekula ez direnak bikainak izango nobelagile gisa, gogor ahaleginduta ere, eta nobelagileak apenas dakitenak zer egin prosazko fikziozko testu labur baten erronkari aurre egin behar diotenean. Horixe da, askotan, udako gehigarrietako edo ad hoc prestatutako ipuin bildumen arduradunek kontuan hartzen ez dutena, egile “entzutetsu” bati ipuin bat idazteko eskatzen diotenean –eta, “entzutetsua” bada, seinale, oro har, nobelagintzan dabilela, bestela nekez izango baitzen ezaguna–. Halako esperimentuen emaitzek, ezinbestean, porrot egiten dute, eta ez da egileen errua, haiek zinez saiatu direlako ahalik eta ipuin onena idazten, hautatu dituen pertsona fisiko edo juridikoarena baizik. –Ez nago horretaz horren seguru –bota zion behin, erronkari, Koldok. –Hasi izenak ematen, orduan –erantzun zion Elenak, gaztelaniaz ere, hura baitzen, ordurako, erabiltzen zuten hizkuntza, batez ere umeak aurrean ez zeudenean. –Calvino, adibidez –Koldo irakurle ona zen, eta ez soilik bere arloko, arkitekturako liburuena. Elenak eta biek askotan hitz egiten zuten literaturaz, eta emakumeak bere hausnarketetarako punching ball gisa erabiltzeko ohitura zeukan. –Calvino ipuinlaria da, funtsean. –Bale, baina nobela onak dituenik ezin duzu ukatu. –Bota. –Baroi igokaria, adibidez. –Ez dit balio, hori ipuin bat da. –Nobela da baina! –Nobela gisa saldu zen, zalantzarik gabe, eta nobelatzat jotzeko orrialde kopuru egokia dauka. Baina, funtsean, izpirituan, ipuin bat da, ipuin luzatu bat. –Baldin negu gau batez bidaiari batek, orduan –baina Koldori egiten ikusi zion keinuagatik izenburua ahoskatu bezain laster damutu zela ohartu zen. Arrazoiz, pentsatu zuen Elenak. –Ipuinez osatutako ustezko nobela bat. –Ados, ados. Zer iruditzen zaizu Faulkner, orduan? Ipuin ederrak ditu… –Salbuespenak. Tipoa nobelagile petoa zen; ipuinetan efektu gehiegi sartzen saiatzen zen, nobeletan egiten zuen bezala, eta horrek hondatzen zuen ahalegina, ipuinek konplexutasuna neurri bateraino baino ez dutelako onartzen. Zure izenkide Koldo Izagirreri antzeko zerbait gertatzen zaio, bide batez esanda –gehitu zuen Elenak, bere senarrari euskal literatura apenas interesatzen zitzaiola ahaztuta–. Gainera, Faulkner bera oso kontziente zen horretaz: “Porrot egin duen poeta naiz. Agian eleberrigile guztiek poesia idatzi nahi dute lehenik eta behin, ezin dutela ohartu, eta orduan ipuinarekin saiatzen dira, poesiaren ondoren forma zorrotzena baita. Eta horretan huts egitean, orduan bakarrik ekiten diote nobelak idazteari”. Bon, hori ezin zaio Izagirreri aplikatu, ez osoki behintzat, argi dago… –Eta zalantza egiten dut Faulknerrek benetan sinesten zuen esaten zuena: apalkeriaren kontrako alarma guztiek salto egin didate aipu hori entzutean –Koldok une batez pentsatu, eta jarraitu zuen–. Joyce Carol Oates. –Nobelagilea. –Seguru? –Beldurrezko azpigeneroan ipuin duinak idatzi ditu, formulazkoak beraz, puntuak kentzen dizkiona ipuingile peto bezala. Baina izpiritualki nobelagilea da, zalantzarik gabe. –Mercè Rodoreda. –E, hor harrapatu nauzu. Edo ia –Elena segundo batzuk aritu zen memorian arakatzen–. Baina ez zituen hainbeste ipuin idatzi, azken batean, onak idatzi zituen arren… Nire epaia: nobelagilea. –Badakit: Ian McEwan –garaipenaren doinua zeukan Koldoren ahotsak. Elenak gorroto zuen eztabaidak galtzea, are partzialki bazen ere, baina bazekien disimulatzen, eta arrazoia eman behar izan zion. Senarrak gogoan zuen, jakina, zenbat gustatu zitzaien biei McEwanen lehenengo ipuin liburua, Lehen maitasuna, azken errituak, eta Elena, bereziki, hura izan zela Koldok egin zion aurreneko oparietako bat, elkarrekin irteten hasi berriak zirenean. Haren hurrengo bilduma, Izaren artean, oso ona iruditu zitzaien, halaber. Baina McEwanen lehenengo eleberriak, laurogeiko hamarraldian zehar argitaratutakoak, arrakastatsuak izan arren, ez zitzaizkien bereziki gustatu: bazegoen haietan zerbait ez zuena funtzionatzen, nobelagile izateko grina gehiegizko batek kalte egingo balie bezala. Elenaren ondorioa zalantzagabea zen: karrera literarioa egin nahi izatearen presiopean ipuingile-dohainak alferrik galtzen ari zen idazle bat gehiago. Baina uneren batean, laurogeita hamarreko hamarraldiaren bigarren erdialdetik aurrera, Maitasun iraunkorra nobelarekin, eta, batez ere, Hoben ordaina argitaratu zuenean, onartu behar izan zuen nobelagile petoa bihurtu zela McEwan: egoskor, bere burua behartzearen behartzeaz lortu egin zuen, azkenean. Izan ere, ingelesak ipuinak argitaratzeari eta, ziurrenik, idazteari utzi zion guztiz, eta Elenak isilka erregutzen zion gauza bakarra zen, adinarekin, itzul ez zedila bere gaztaroko generora, hots, ipuingintzaren eta idazlearen balizko dekadentziaren arteko lotura egiteko susmorik eman zezakeen ezer ez zezala egin. Hasierako liburu haien “anomalia” hasiberriaren apetatzat hartzeko susmoaren arriskuarekin nahikoa zeukan irakasleak. Baina hain ziren onak lehenengo liburu haiek… Ondo konpontzen zen Koldorekin. Bizitza lasaia zuten, seme-alabak nagusiak ziren jada, pisua ordainduta zuten, eta lan onak zeuzkaten, krisi ekonomikoek, globalizazioak, ziurgabetasunaren hazkundeak eta klase ertain mendebaldarraren gainbeherak larriki higatu ez zituztenak, oraindik. Erretiroaren gaia, pixkanaka, elkarrizketetan irazten hasia zen, hala etxekoetan nola lagun artekoetan. Baina Elena gero eta urrunago sentitzen zen senarrarengandik. Denborarekin, haren arkitektura-estudioaren prestigioak gora egin zuen, eta gero eta proiektu-agindu gehiago jaso zituen, lanari lotuago egotera eraman zuena. Jadanik ez zituzten horren maiz izaten bakoitzaren irakurketen inguruko iritzi-truke horiek. Eta gero erakarmen fisikoaren kontua zegoen, noski, Elenari asko apaldu zitzaiona azken urteetan. Giuseppe Tomasi di Lampedusak idatzi bezala, “Maitasuna. Maitasuna, noski baino noskiago. Sua eta sugarrak urtebetez, errautsak hogeita hamar urtez”. Lehenengo epearekin zalantzak zituen Elenak, ezkorregia irizten baitzion; bigarrenarekin, ez hainbeste. Koldo ez zirudien aldaketaz ohartzen zenik, edo, ohartzen bazen, agian ez zitzaion inporta. Ondo koipeztatutako egunerokotasunaren makineriaren errodajeak asko errazten zituen gauzak, zer esanik ez. Horregatik durduzatu zuen hainbeste Aritzekiko sentitzen zuenaz ohartu izanak. Elena aspaldi ez zelako sentsazio horretaz oroitzen. Sentsazio horren fisikotasunaz. Tripako minez. Eta gogoratu zuen nola egiten zuen barre Koldorekin berarekiko Aritzen ustezko apetaldiaren lehen sintomak komentatzen zizkionean. Begiradatxoak, galdera urduriak, ezbaiak, totelka botatako esaldiak. Irakaslearen arreta erakartzeko erakustaldiak. Koldok erantzuten zion “Zergatik ez? Ni ere zutaz maiteminduko nintzateke, zure ikaslea banintz”. Eta Elenak barre egiten zuen, eta gero kontuaren inguruko alderdi legala eta morala aztertzen zuten; azken kasu horretan ikaslearen gaineko botere-posizio bat edukitzeak gertakari hipotetikoa guztiz arbuiagarria bihurtzen zuen, emakumearen ustetan, baina ez horrenbeste, Koldorenean, baldin eta bi aldeetatik onespena bazegoen. Eta, edonola ere, lauhilabetekoa amaitu arte itxarotearekin, mutikoak gainditu arte, nahikoa, gehitzen zuen senarrak, zirtolari. Baina hori aspaldi izan zen, edo hala iruditzen zaio egun Elenari. Hori guztia burutik kendu ezinik badabil ere, aurrera egin behar du hitzaurrerako eskemarekin. Ipuingilearen izaera bereziaren –eta halabeharrezko espezializazioaren– ingurukoak argitu ondoren, bere formulazioaren inguruan azalpen gehiago eman beharko lituzkeela otu zaio. “Ipuina adulterioa da, eta nobela fideltasuna”. Laburtasunaz gain ipuinak baduelako, Elenarentzat, dimentsio berezi bat, lehen irudikatu duen biribiltasunarekin eta amaieren garrantziarekin zer ikusia izango lukeena. Azken finean, ipuin batek beti traizionatu egin behar du, maila handiagoan edo txikiagoan, irakurlearen ustea. Ez bakarrik hori, areago, horretarako irakurlea zerbaiten aiduru egon dadin lortu behar du, hasieran, eta, ondoren, buelta eman behar dio, erein duen itxaropen hori zapuztuz. Hori guztia, gainera, orrialde kopuru mugatu batean. Horretarako, dudarik gabe, tresna ezberdinak erabiltzen ditu idazleak: amaiera sorpresaduna, intentsitatea, tentsio estalia, bat-bateko edo dosifikatutako epifania… Ricardo Pigliaren ipuinen baitako A eta B istorioen arteko konbinaketa guztiak, alegia. Nobela onek, ordea, mundu bat eratu behar dute, bizitzaren imitazio bat, denboraren ordezko bat, zeinetan fideltasuna oinarrizkoa baita, hasieratik eta metaketa bitartez eraikitzen den konfiantza-harreman hori berretsiz. Horregatik ez dira horren onak –horren nobela– azkeneko orrialdeetan buelta ematen diotenak istorioaren hari nagusiari. Horregatik dira halakoak, funtsean, ipuin puztuak, Ambrose Biercek ikusarazi zuen bezala. Joy Williams idazleak oso grafikoki azaldu zuen behin, elkarrizketa batean: “Nobelak zure laguna izan nahi du. Ipuin batek ez du hori ia inoiz egiten”. Literaturaren funtzio nagusiena betetzen dute bi generoek, bizitza ulertzen, hots, bizitzen laguntzen baitute. Baina modu oso ezberdinean egiten dutela iruditzen zaio Elenari: nobelak, idealki, bizitza bera ordezkatuz, eta ipuinak txerto batek bezala, gure baitan bizitzaren birus edo bakteria indargabetuak –murriztuak– inokulatuz, existentziari aurre egiteko antigorputzak sortzen lagun diezaguketenak. Eta horretarako oso idazle mota ezberdinak behar dira. Ideia hori aurrekoekin lotu du atzera Elenak, gezi berri batzuk marraztuz kaieran. Ondoren “Alice Munro afera” idatzi, eta, alboan, arkatz gorriaz hori ere, galdera ikur bat marraztu du, behin, bitan. Izan ere, ez daki hitzaurrean erabili beharko lukeen, eta erbia harrotu, ala ez. Kaiera eta boligrafoa mahaiaren gainean utzi eta, begirada itsaso aldera zuzenduz, garagardoari beste trago bat lapurtu dio Elenak. Gelako eztabaidarena igaro eta aste batzuetara izan zen. Begirada konplizeez eta eskoletako ohiko galderen eta iruzkinez gain, ez zen ezer esanguratsua gertatu Aritzekikoan, urdailpeko min-ziztadez harago. Elena saiatzen da alde zaharreko ostegun gauak saihesten, ez duelako gehiegi atsegin ikasleekin topo egitea aisialdi-orduetan, baina egun hartan mintegi bat izana zuten beste unibertsitate batzuetatik propio etorritako irakasle eta ikertzaile batzuekin, eta haiekin buelta bat emateko eta afaltzeko ateratzea ezinbestekoa zen. Bigarren gin-tonicarekin ari ziren, barran, txabiske haren hondoan Aritz ikusi zuenean, billar mahaiaren inguruan, adiskideekin jolasean. Elenak ez zuen haren gelako ikaskideetako inor ezagutu haien artean; pisu kideak izango zituela ondorioztatu zuen. Mahuka luzeko kamiseta beltz bat zeraman jantzita, lepo osoa agerian uzten ziona, nabarmenki. Lepo hura naturaren opari bat zela iruditu zitzaion. Beste aldera begiratu zuen, azkenik, Murtziako unibertsitateko katedradun harekin hizketan jarraitzeko, baina Aritzek ikusia zuen jada, eta atzetik ukitu zuen, bere arreta erakartzeko. Jiratu gabe ere, sorbaldan haren hatzen presioa sentitu bezain laster mutila zela jakin zuen, eta berriro nabaritu zuen hutsune hori sabelpean. Irribarre batez hartu zuen, bere ezinegona ahal izan zuen bezala disimulatuz, eta, berehala, zigarro bat erretzera ateratzeko aitzakiarekin, tabernako kanpoaldera erakarri zuen. Hotz pixka bat egiten zuen, baina aire hotzak on egiten ziola iruditu zitzaion Elenari, baretzen zuela, hori ere zigarro piztu berriaren efektua izan zitekeen arren. Bakarrik zeuden kanpoan. Ohiko konplimendu eta topikoen ostean, Aritzek kontatu zion kasu egin ziola eta irakurri zuela Alice Munroren Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak, baita izugarri gustatu zitzaiola ere; ari zela egile horren beste batekin, gaztelaniaz oraingoan, Escapada izenburukoarekin. –Itzulpen horri buelta bat falta zaio, nire uste apalean –esan zion Elenak–. Irudipena daukat Munro hobeto dagoela itzulita euskaraz, gaztelaniaz baino. Gutxitan irabazten dugu ligaxka horretan, euskarara itzultzen dena gutxi delako, eta literatura unibertsalaren zati mikroskopiko bat baino ez baita urtero euskaratzen. Baina Munrorekin badaukagu zertaz harrotu, nik uste. Munrorekin eta bere itzultzaileekin, Nagore Tolosa eta Isabel Etxeberriarekin alegia. –Ipuingileentzat onuragarria izan da Munro, ezta? Ipuingile peto batek, nobela bakar bat ere idatzi ez duenak Nobel Saria irabaztea, diot. Ikusgarritasuna ematen dio generoari. –Ez dizut hori eztabaidatuko, Aritz: nik ere hori uste dut, eta ipuingile gaixoak tratatzea besterik ez dago konprobatzeko zenbat etekin atera dioten Munroren aldarrikapenari. Utzi beharko zaie jostailu horrekin aritzen… –Baina… –Aritzek nahikoa ezagutzen zuen horrez gero Elena, ironiaz noiz ari zen hautemateko. –Lehenik eta behin, teknikoki ez da guztiz egia Munrok nobelarik idatzi ez duenik: bere bigarren liburua, 1971ko Nesken eta emakumeen bizitzak, nobela bezala saldu zen, izenburuazpi horrekin, “a novel”, ipuin-ziklo bat ere kontsideratu daitekeen arren, ipuin elkarlotuez osatutako istorio bat alegia. Hots, guztiz nobela ez balitz ere, nobelarako jitea duela esan genezake. Munro ez da, alde horretatik, beraz, Txekhov kanadar bat, are gutxiago Borges ipar amerikar bat –Elenak atxiki luze bat jo zion zigarroari, jarraitu aurretik–. Bestetik, Munroren asmo betidanikoa nobelak idaztea izan zen: ezin izan bazuen, neurri handi batean, etxeaz eta umeez arduratu behar zuelako izan zen, gaztetan, haren gizonaren aldetiko batere laguntzarik gabe. Zaintzaren eta idazketaren arteko arrakala, gela norberarena, eta abar, badakizu: emakume idazleen madarikazio mendeetakoa. Azaltzen zuen, gaiaz galdetzen ziotenean, beti gertatzen zitzaiela zerbait hasten zituen nobelei: “hausten” zitzaizkiola. Eta egokitu behar izan zen: forma laburrak zeukan denbora hobeto probesteko aukera ematen zion. Eta imajinatzen dut gero, are zaintza lanak murriztu eta senar hura utzi zuenean, horretara egina zegoela ohartu zela, eta ipuinak idazten jarraitu zuela, betiko… –Baina, azkenean, emaitza da kontatzen duena, ez motiboak, ezta? –Aritzen arrapostua–. Ipuinak direla, alegia. –Laburtasunaren parametro bakarrari kasu egiten bazaio, bai. Arazoa da, azaldu dizudan bezala, Munro ustekabeko ipuingilea dela. Baina hori agian ez da, azken batean, horren esanguratsua, gauza asko esplikatzen dituen arren. Kontua da bere ipuinek, funtsean, nobelaren izpiritua dutela, hots, miniaturazko nobelak direla, beren konplexutasun eta meandro guztiekin. Ipuinaren erabatekotasuna galtzen da, maiz, Munroren piezetan. Noiz jabetzen gara, adibidez, “Etsaiak, lagunak…” ipuinaren gaiaz, lehenengoz? Zenbatuta dauzkat orrialdeak: hogeita hamargarrenean hasten da irakurlea sumatzen nora jo nahi duen! Hori, ipuingintza eredu arruntenetan heresia da, zuzenean. Horregatik erantzuten zuen Lorrie Moorek, nobelaren eta ipuinaren arteko desberdintasunaz galdetzen ziotenean… Barkatu, bilatu behar dut… Eta Elenak, zigarrokina dekoraziozko upel baten gaineko hautsontzian utzita, sakelakoa atera eta hatz mugimendu bizkor batzuk marraztu zituen pantaila gainean. –Bai, hementxe dago, honela zioen Moorek: “Desberdintasun handiena, estetikoa, narrazio-forma luzearen denbora eta konplexutasuna da. Zailagoa da denbora (subjektu eta bitarteko gisa) eta konplexutasuna egokitzea ipuin labur batean. Alice Munro ez bazara, behintzat”. Eta nik gehituko nuke: Munrok ez dituelako ipuinak idazten, nobelak baizik. Nobela-arima dituzten ipuinak. Baina, ipuingintzaren alde, hobe honetaz gehiegi mintzatzen ez bagara… –Hori da: ipuingintzaren alde –errepikatu zuen ikasleak. Eta Aritzek bere Keler botila altxatu, eta topa egin zuen Elenaren gin-tonicarekin. Gero apenas gogoratzen da hitz egin zutenaz. Hasieran literaturaz izan zen, hori seguru. Elena pixka bat hunkitzen zen literaturarekiko interesa erakusten zuten ikasleekin, ez baitzen horren ohikoa: zinezko literaturzaleak beti ziren gutxiago, edo apalagoak, dialektologiaren edo Chomskyren frikiak baino. Dena den, halako batean kontu pertsonalagoez hasi ziren –literatura ere kontu oso pertsonala baitzen Elenarentzat–, estudiante bizitzaren gora-beherez, irakasleari Bartzelonako unibertsitate zentralean bekadun egon zen garaiko anekdota ustez mamitsuen bilduma berreskuratzeko aukera eman ziona, Aritzen barre-algara ozenak pizteko nahikoa abileziarekin, bederen. Kanpoko hotzarengatik akaso, gero eta hurbilago zeuden biak, hitz egin bitartean. Elena horretaz ohartu zenean, Aritzek burua pixka bat altxatu –Elena altuagoa baitzen ikaslea baino–, eta muxu eman zion, lepoak ezkerreko masailaren tolesdurarekin bat egiten zuen puntuan. Elenak, harrituta oraindik, muxuari erantzun zion, lepoan orobat. Sudurra bertan hondoratu, eta after shavearen eta izerdiaren nahasketaren lurrina xurgatu zuen istant batez. Hordigarria iruditu zitzaion, are gehiago Aritzek aurpegia bere adats artean sartu eta ezpainekin ezkerreko belarria doi-doi igurtzi zionean. Ez daki zenbat denbora egon ziren horrela, segundo gutxi batzuk ziurrenik. Bereizi zirenean alde guztietara begiratu zuen, eta inor ez zegoela konprobatu: mirariz, haien ondoren erretzera atera ziren gutxiak itzuliak ziren tabernaren babesera. Elenak, Aritzi azalpenik eman gabe, gauza bera egin zuen, eta mintegikoekin bildu zen atzera. Laster alde egin zuen etxera. Hurrengo astelehenean, fakultatean topo egin zutenean, ez zuten gaiaz hitz egin, ezta lauhilabetekoa amaitzeko geratzen ziren gainontzeko eskola edo tutoretza orduetan ere, eta ez zuten berriro kontaktu fisikorik izan Elenak aktak sinatu zituen arte. Emaitza hura izan ez zedin ahalegin guztiak eginda ere –zorrotza izan zen ikaslearen lanen eta azterketaren zuzenketan, ohi bainoago–, irakasleak ezin izan zuen ekidin: ohorezko matrikula jarri behar zion Aritzi. Puntu guztietan bat ez bazetorren ere, euskal ipuingintzaren egoerari buruz entregatu zion lana bereziki tatxagabea iruditu zitzaion Elenari. Lan horretaz gogoratu da ezinbestean, idatzi behar duen hitzaurrean, ipuingintzaren inguruko kontsiderazio orokorrez gain, euskal kasuari buruzko ohar batzuk sartu beharko dituelako, orobat. Bizenta Mogelen izena idatzi, eta berehala urratu du kaieratxoan: ederra zatekeen Ipuin onetatik abiatzea, ez bakarrik emakume bat kokatuko lukeelako generoaren aberri-jatorrian, baizik eta horrek ere ahalbidetuko liokeelako haren hastapenak ipuingintza mendebaldar modernoaren garapenarenekin parekatzeko, eta euskal literatura idatziaren mendeetako ustezko atzerakuntzaren topikoari emendakin bat egiteko, sikiera. Baina ez da oso operazio egingarria, Bizenta Mogelen fabulen egokitzapenek zer ikusi gutxi dutelako, funtsean, narraziogintza garaikidearen bilakaerarekin, ez behintzat gaininterpretaziozko arrisku-salto batzuk eman ezean. Eta horrek, derrigor, ohiko 1960 eta 1970eko hamarraldietako sorburuetara bideratuko du Elenaren begia, hots, Martin Ugalde, Jon Mirande eta Anjel Lertxundiren ipuin eta liburu atariko haietara, euskal literaturaren historietan behin eta berriro aipatzen direnak. Alde horretatik Alvaro Rabelliren Egungo euskal ipuingintzaren historia, Mari Jose Olaziregiren “El cuento contemporáneo en euskara” artikulua edo Ibon Egañak Eskuko ekipajea antologiarako idatzitako sarrera errepasatzea baino ez lituzke egin behar, mugarri nagusiak azpimarratu eta laburbiltzeko –hiru kritikarien izenak apuntatu ditu kaieran, haien lanen laburdurarekin batera–. Nahiz eta, ziurrenik, azkenean ez duen ikuspegi historizista hori hautatuko, eta zuzenean joango den 1980ko hamarkadako “eztandara”: ondo dago, kritika literarioa egiten baduzu, eztabaidatzea ea euskal ipuingintza modernoaren abiapuntua Iltzailleak ala Hunik arrats artean izan ote ziren, baina hori, neurri handi batean, arkeologia baino ez da, lan horien eragina eta oihartzuna oso mugatua izan zelako, berez. Alde horretatik, hobe da zuzenean Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandiarengana jotzea generoaren euskal aldaeraren ezartzaile zinezkoak bilatzeko. Besteak beste, azpimarratzeko, genesi horretan ere, ipuingintzaren erro fantastikoaren nagusitasuna, eta nola horrek hizkuntza “handietako” ipuingintzan mende bi lehenago jazotakoarekin parekatzen duen euskarazkoa, neurri ukroniko batean bada ere. Egile horien hasierako obren aipu zabala egingo du, beraz, eta baita batzuetan alboratuta geratzen den sasoi hartako aldizkari literarioen ugaritasunarena –Pott, Oh! Euzkadi, Susa eta enparauetara–, aldizkaria izan baitzen, luzaroan, literatura garraiagarri mota honetako probaleku eta erakusleiho nagusia. Ondoren, gainontzeko egileen eta obren ibilbide bat zirriborratuko du, oso pertsonala ezinbestean, Inazio Mujikaren Azukrea belazetanetik hasi eta Unai Elorriagaren Iturriara arte. Eta idazten doa bere kaieratxoan, nahiz eta noizean behin orden kronologikoa ez duen errespetatzen, eta gorantz edo beherantz zuzentzen dituen gezi gorritxoak gehitu behar dituen: Xabier Montoiaren Emakume biboteduna eta Gasteizko hondartzak, Arantxa Iturberen Ezer baino lehen, Juan Garziaren Itzalen itzal, Pello Lizarralderen Sargori, Harkaitz Canoren Telefono kaiolatua, Patxi Iturregiren Haize kontra, Jose Luis Otamendiren Euri kontuak, Javi Cilleroren Hollywood eta biok, Jokin Muñozen Bizia lo, Uxue Apaolazaren Umeek gezurra esaten dutenetik, Karlos Linazasororen Diotenez, Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak, Eider Rodriguezen Haragia eta Bihotz handiegia, Ana Malagonen Lasai, ez da ezer gertatzen eta Geratu zaitezte gurekin, Urt Zubiaurreren Izenik gabeko lurrak, Garazi Arrularen Gu orduko hauek, Gotzon Hermosillaren Gaur galtzea tokatzen da, Aintzane Usandizagaren Kabitu ezina, Iñigo Aranbarriren Munduko tokirik ederrena. Geziez gain, galdera ikur bat marraztu du Lasai, ez da ezer gertatzenen ondoan. Eta ondorioztatu, ezinbestean, inguruko literaturetan bezala, aniztasuna dela nagusi egungo euskal ipuingintzan, goratasun-arnasako proiektuak ez direla urriak gure artean, eta generoaren osasuna ona dela, erlatiboki behintzat. Aritzez eta haren lanaz oroitzen bada, ez da kasualitatea, euskal literaturaz apenas eztabaidatu baitu Koldorekin azken urteotan. Elkarrekin hasi zirenean, Bartzelonako urte honezkero mitifikatuegi haietan, hiri handian topo egin zuten bi euskal herritar zintzo arduratsu eta militante ziren –doktoradutza bekarekin Elena, arkitektura-estudio batean praktiketan Koldo–, eta haien artean euskaraz hitz egiten saiatzen ziren, ingurutik desberdintzeko asmo desafiatzaile agian xalo batekin. Koldo, ordura arte Luis zena eta izen-aldaketa Kataluniara joatean egin zuena hain zuzen, euskara ikasten ari zen Bartzelonako Euskal Etxeko gau eskolan, sorterrian hasitako prozesuari jarraiki, eta gero eta hobeto moldatzen zen arren, komunikazioa ez zen guztiz arina izatera iristen, eta maiz pasatzen ziren gaztelaniara –katalanak gero eta gaztelania kutsatuago batera–. Baina arazoari ez zioten irizten, hasiera batean, larriegia, egoeraren behin-behinekotasunaren ondoriozko desdoitze xumea baizik. Euskal Herriak independentzia eta sozialismoa lortzean amaituko ziren behin-behinekotasun guztien parekoa, alegia. Bikoteak ez zion eutsi euskararen erabilerari. Elenak beti egotzi zion azkeneko hesia gainditzeko ezintasunari: ohe-jolasetarako hizkuntza ofiziala gaztelaniak izaten jarraitu zuen, are elkarrekin euskaraz aritzearena serioen hartu zuten unetan. Larrutan egitean gordin hitz egitea gustatzen zitzaien bioi, eta Elenak ahalegin bat edo beste egin bazuen ere, laster etsi zuen; Koldori ez zitzaion sekula atera. Izan ere, eduki zuten bikote-krisi serioena euskararen estres harekin ere lotzen zuen, atzera begira, Elenak: Euskal Herriko Unibertsitatean eskolak ematen hasteko aukera sortu zitzaionean, non kokatuko ziren eztabaidatu behar izan zuten –Koldo gora egiten ari zen lan egiten ari zen Eixampleko arkitektura-estudio hartan, eta lekualdaketak ia zerotik hastera behartuko zuen–. Gizonak eman behar izan zuen amore, azkenean, eta Gasteizera bizitzera joan zirenean, ezer adostu gabe ere, euskaraz elkarrekin hitz egiteari utzi zioten bat-batean, eta bien artean egondako gorabeherak linboan geratu ziren, ahaztuta bezala. Xabi eta Juneri, mundura etorri zirenean, euskaraz egingo zieten biek –Koldok trakeskiago Elenak baino, zer esanik ez–, baina haien bien arteko hizkuntza nagusia gaztelania izan zen beti, eta, ikastolara bidali bazituzten ere, azkenean hura nagusitu zen familia-hizkuntza bezala ere, seme-alabak nerabezarora iritsi zirelarik. Edonola ere, urteek eragindako higadura eta guzti, Elenak jarraitzen zuen atsegin hartzen Koldorekin literaturaz hitz egiten zuenean, bakanagoetan gertatzen zen zerbait, seme-alabak haztean eta autonomoago egitean gero eta gehiago entzerratu zirelako norbera bere mundutxoan. Baina ia beti izaten zen gaztelaniazko edo gaztelaniara itzulitako liburuez, eta pena zuen lanbide zuen euskal literaturaz ezin hitz egitea Koldorekin. Saiatzen zen, noski, noizean behin gusta zekiokeen izenburu bat hautatzen eta senarrari pasatzen, eta, hasieran, liburuok arduraz leitzen bazituen ere, asko kostatzen zitzaiola aitortzen zion Elenari, ez zeukala erraztasunik, eta gero eta gutxiagoetan irakurtzen zituen halakoak. Ez soilik horregatik, baina: euskal literatura, oro har, ahula iruditzen zitzaion Koldori, irakurle fina zena eta literatura orokorraz mintzo zirenean intuizio ederrak eskaini ohi zizkiona bere emazteri. Baina ezin zuen euskarazkoarekin, ez zitzaion lehiakorra iruditzen, gaztelaniaz eta, azken aldian, geroz eta gehiago, ingelesez irakurtzen zuenarekin konparatuta. Eta Elenak kontu handiz aukeratzen zizkion aholkatzen zizkion liburuak, urtean zehar argitaratutako onenen artean hautatzen zituen, baina hark “meh, es tramoya pura, mucho fuego de artificio y poca chicha”, “no es más que un pobre intento de imitación de Sebald” edo “¿por qué se empeña en explicar las cosas dos, tres, cuatro veces? Los lectores no somos tontos” bezalako iruzkinekin itzultzen zizkion, ondorio gisa euskarazkoa literatura argiki azpigaratu bat zela gehituz, batzuetan. Gero eta gutxiago egiten zuen ahalegina, beraz, eta horrek ere bien arteko arrakala zabalago bihurtu zuela sinetsita zegoen Elena. Horregatik ere gustatzen zitzaion Aritzekin egotea. Hark ere konpetentzia handiagoa erakusten zuen literatura “unibertsaleko” kontuez hitz egiten zutenean, euskal literaturakoez aritzen zirenean baino, baina saiatzen zen –horretarako ikasten ari zen, azken batean–, eta euskaraz idazteko asmoa zuenez, interesatuta zegoen. Elenaren gomendioak irakurtzen hasi zen –horietako batzuk garai batean Koldori egin zizkion berberak–, eta batzuetan, elkartzen zirenean, amodioa egin ostean –suabe-suabe aritzen ziren, elkarren beldur balira legez, eta Koldorekin ezagututakoarekin alderatuta, oso bestelako moduan–, liburu horiek komentatzen zituzten, hoteleko ohean etzanda zeudela. –Eta? –Ba… Ez dakit gustatu den hitza, baina ikaragarria iruditu zait. Ipuin asko zaplastako bat bezalakoak dira. Eta bitartekoen ekonomia handiarekin! Batzuk benetan laburrak dira. –Ba hitza gustatu da, sentitzen dut, horretan irmoa naiz –arrapostu egin zion Elenak–. Ezeroso sentiarazten zaituen zerbait gustatu ahal zaizu. Izan ere, hori da literatura onaren ezaugarrietako bat. David Foster Wallacek kontatzen zuen bere irakasle batek zioena: narratibarik onenaren zeregina urduria lasaitzea eta lasaia urduritzea zela esaten zuena. Eta nik gehituko nuke narratibaren alorrean lehenengoa nobelaren zeregina dela, batez ere, eta lasaia urduritzearena, ipuinarena. Nahiz eta ez dakidan Foster Wallace nirekin ados egongo litzatekeen; bide batez, ez dut kasualitatez aipatzen testuinguru honetan, idazle horren ipuingintzak eta Apaolazarenak badaukatelako lotura. Edonola ere, pozten nau jakiteak gustatu zaizula. Hurrengoa Malagonekin probatu beharko zenuke. –Zeinekin? Mikroipuinen liburuarekin, ala bestearekin? –Bueno, orain ematen ari natzaizuna ipuingintzaren inguruko mintegi pertsonalizatu bat da –tonu ironikoa erabiltzen saiatu zen Elena, ohean pixka bat hondoratuz eta bere begiak Aritzenen parean ipintzen saiatzen zen bitartean–. Eta nik nire zalantzak ditut ea mikroipuina eta ipuina genero berekoak ote diren. Argi dago mikroipuinak, gehienez orrialde bat okupatzen duten narrazio gisa definitzen baditugu, ipuinetik hurbilago daudela nobelatik baino. Baina, bestalde, badute kidetasunik aforismoarekin eta poesiarekin ere. Nik uste dut beste lege batzuek agintzen dutela mikroipuingintzan, bizkortasuna eta sorpresa-efektua oro baitira alor horretan. Ipuingintza “estandarrean” ere izan daitezke inportanteak, noski, baina beste elementu batzuekin batera, esango nuke. Agian mikroipuina hiper-ipuin bat besterik ez da, ipuingintzaren ezaugarri batzuk muturrera eramaten dituen artefaktua alegia; ipuinaren erro koadro moduko bat. Horregatik esango nizuke haren bigarren liburua leitzeko, Geratu zaitezte gurekin, ipuin “konbentzionalagoez” osatuta baitago. Baina bestea ere, mikroena, ona da. Eta atzera bildu egin zen Aritzen besoen babesera. Handik eta minutu batzuetara, xalo-xalo, mutilak galdetu zion arte ea minibarretik M&M batzuk hartu zitzakeen. Jakina Elenak pentsatzen zuela egiten ari zirena erokeria bat zela: batez ere bera egiten ari zena. Baina biziberritua sentitzen zen Aritzen ondoan, energia gehiagoren jabe, ederragoa, eta, batez ere, azkarragoa. Eta Aritz ere, behin eta berriro esaten zion bere buruari, ez zen gainontzeko ikasleak bezalakoa: gehiago zekien, interes handiagoa zeukan, bere galdera eta iruzkin zorrotzekin pentsarazten zion, ekarpen bat egiten zien bere irakurketei eta hausnarketei. Ez zen kontu fisiko hutsa, hori ere bazen arren, Aritzen gorputz gaztea, hasiera batean estrainioa egin bazitzaion ere haren bilogabetasunean –belaunaldi berrietako mutil gazteen depilaziorako joerari buruzko susmo guztiak konfirmatu zizkiona–, perfektua zelako. Hogeien erdialdean dauden gazte guztiena bezala, esaten zion bere alde ilunak, egoeraren lohia eta desegokitasuna behin eta berriro gogorarazten zion barneko ahots tematiak. Zeinari beti erantzuten baitzion egiten ari zirena ez zela inolaz ere legez kanpokoa. Eta Elenaren solaskide bakarra zena, oraindik ez zelako ausartu kontuaz inorekin hitz egitera. Ezinbestean, Emmanuel Carrère idazleari irakurri zion artikuluaz oroitzen zen, Emmanuel Macron gaztearen eta Brigitte Trogneux literatura irakaslearen maitasunezko istorio eskandalagarriari buruz aritzen zen hartaz: nola ezagutu zuten elkar, presidente izango zenak hamabost urte besterik ez zituela, Amienseko jesulagunen eskola pribatu batean; nola maitemindu zuen hogeita hemezortzi urteko emakumea ikasle gazteak, Eduardo de Filipporen Komediaren artea antzezlana harekin lau eskutara berridatziz eta antzerki taldea osatzen zuten hogeita bost ikasleentzat paperak eta lerroak gehituz –jatorrizko obrak zeuzkan hamarretatik abiatuz–; horrek guztiak, jakin zenean, hiri probintzianoan sortutako eskandalutxoa, eta inplikatuen familien eta adiskideen artean eragin zuen eztanda; Brigitteren senar bankariaren ihesa, emakumea seme-alabekin utzita; Emmanueleren pertseberantzia, 2007an, gertakari haiek jazo eta hamabi urtera, Brigitterekin ezkondu zer arte. Antzekotasunak bazeuden, noski, literatura zegoelako tartean, eta horrek hari fin batez batzen zituen, Elenaren ustez, kasu biak: literatura lotura boteretsua begitantzen zitzaion, adin desberdintasunak eta egoeraren gardentasun eza gaindiarazteko indarra gordetzen zuena bere baitan; Brigitte Trogneux gazteak, ez alferrik, maitasun kortetiarrari buruzko memoria batekin lortu zuen bere letretako lizentziatura… Baina desberdintasunei ezin zien ezikusia egin, ezta ere. Adibidez, adin diferentzia handiagoa zen –hogeita lau urte besterik ez Frantziako presidentearen eta lehenengo andrearen artean–. Bestalde, Elenak ez zekien, Aritzez maiteminduta zegoela onartzen zuen arren, halako lurrikara bat jasateko prest egongo litzatekeen, berak ez zuelako Koldorekin apurtzeko inolako asmorik, edo horretara mugitzen zuen inolako indarrik, Brigitteren kasuan agian gertatu zen bezala. Eta, azkenik, kontua publiko egitekotan ez zekien fakultatean jarraitzeko adorerik izango zuen, hots, lotsaizunak ez zuen lana uztera behartuko; Brigitte Trogneuxek, ordea, eskola erlijioso hartan irakasten jarraitu zuen aferaren ondoren ere… Baina hura Frantzia zen, jakina: beste zibilizazio bat. Kontu horiei zegokienean, batez ere. Elenak, une batez, kaiera itxi, eta zerumugara zuzendu du begirada, bista pixka bat deskantsatzeko bederen: oharrak hartzeko letra txikiegia egiteko joera dauka, ikasle garaian fitxak osatzeko ohituratik eratorria, eta presbiziak gero eta gehiago zailtzen dio irakurketa. Badaki letra handiagoa egiten saiatu beharko litzatekeela, baina iraganaren zamak beti irabazten du. Horretan beste gauza askotan bezala. Bere buruari galdetzen dio ea mereziko lukeen euskal ipuingintzaren eboluzioa hamarkadaka zirriborratzea, eta laurogeikoaren aipatu “genesiaren” ostean, laurogeita hamarrekoa lotzea nobelaren nagusigoaren kontrako lehiarekin eta Carverren eta enparauen harrera literarioarekin, adibidez: ereduak, iberoamerikarrak izatetik, ipar amerikarrak izatera pasatu baitziren, literatura nazional askotan gertatu zen legez. Eta jarraitzea 2000koarekin, zeinetan nobelaren aurkako borroka hori galdu baitzuen, behin betiko, euskal ipuingintzak, konfirmatuz horrela euskal literaturaren homologazio partziala inguruko literatura “handiekin”. Nahiz eta erresistentzia-txoko sendo bat eratu ahal izan zuen generoak. Eta aurkeztea 2010eko hamarraldia iraunkortasunarena eta aniztasunarena bezala, nazioarteko ipuingintzarekiko nahikoa paraleloan. Baina agian ez da hori kontua, baizik eta nola dirauen nahiko tinko nobelaren inperialismoaren uholde betearen erdian: euskal argitaletxeek, hori argi dago, nahiago dituzte nobelak –bezeroak, gutxi izanda ere, beti arrazoi–, baina ipuin liburuak argitaratzen segitzen dute eragozpen handirik jarri gabe. Agian benetako misterioa, euskararen kasuan bezala, ez da hainbeste euskal ipuingintzaren jatorria edo bilakaera, gaurdaino indartsu samar iraun izana baizik. Eta Elenak kaiera atzera zabaldu, eta “Mitxelena / euskara / analogia” idatzi du, letra ñimiñoegiaz betiere. Irautea. Elenak ez zuen uste Aritzekikoa iraungo zuenik. Udako oporrak markatu zituen muga gertagarri gisa, Aritz, ikasturtea amaituta, bere herrira itzuliko zelako eta guztia zailagoa, oztopoz beteagoa bihurtuko zelako, ondorioz. Baina, nola hala, moldatu egin ziren elkarrekin jarraitzeko –Whatsappa, bere arrisku domestiko guztiekin, iraunarazle ezin eraginkorragoa suertatu zen–, eta are bizpahiru enkontru gautar antolatzeko aukera izan zuten, bien bizilekuetatik gutxi gorabehera distantziakide ziren kostaldeko herri beti ezberdinetan. Batzuetan Elenak Koldori begiratzen zion, eta harrituta geratzen zen bere egonarriaz, elkarrizketa domestiko adeitsuenei edo maitasunaren errito gero eta tartekatuagoei eusteko zeukan ahalmen mugagabeaz, are une haietako askotan Aritzekin oroitzen ari bazen, aldi berean. Azken batean, Aritzez maiteminduta zegoen arren, Koldo ere maite zuen, beste era batean –beste era horretan– izan arren. Literatura horren gutxi deskribatzeaz arduratu den era prosaiko, lasai horretan hain zuzen. Literatura gehiegi ari da maitemintzeaz eta desmaitemintzeaz, eta gutxiegi erdiko guztiaz. Maitemintzea bera ez al da literaturaren ondorio bat, funtsean? La Rochefoucoldek zioen bezala, “pertsona batzuk ez ziren inoiz maiteminduko inoiz maitasunaz hitz egiten entzun izan ez balute”. Beti beldur berarekin bizi zen, dena den. Ez, bereziki, Aritzek utziko zuen uneari: horrek ere eragiten zion, noski, baina ez zekien beldur hitzaz izendatzea ere merezi zuen, ondo baitzekien gertatu egingo zela, lehenago edo geroago; Brigitte eta Emmanuel salbuespena dira munduan, sexismoaren hamaikagarren erakusgarri gisa, alderantzizko ereduak, gizon zahar/neska gaztearenak, askoz ere kasuistika zabalagoa aurkezten duen bitartean, oro har, maila guztietan, txutxumutxuen eremutik hasita goi kulturarenera. Ez, bere beldur nagusia lotuta zegoen Koldo, bat-batean, lehen lauhilabeteko ikasle hartaz gogoratu, eta, zirtolari, harengatik galdetuko zion momentuarekin, bikote barneko txantxa pribatu moduan. Izan ere, harrituta zegoen oraindik gertatu ez izanaz. Eta aurrea hartzeko aukerak –eszena irudikatzeko eta, ondorioz, erantzun posible guztiak prestatzeko eta are haien bertsioen buru-entseguak egitekoak– are urduriago eta zalantzatiago paratzen zuen Elena, susmatzen baitzuen bete-betean huts egingo zuela Koldori erantzutean eta, modu batean edo bestean, ordura arte mantendu zuen oreka hautsiko zela. Ohartzen baitzen, paradoxikoki, Aritzekiko aferak etxean, Koldorekin eta are seme-alaba gero eta arrotzagoekin hobeto eta pozikago jarduteko aukera eskaintzen ari ziola. Eta hori “bekatua” bera baino larriagoa iruditzen zitzaion, kasik. Zegokiona baino zorion handiagoa desiratu izanagatik, Richard Russo parafraseatzearren. Ustekabeak, ordea, beste nonbaiten egin zuen salto, hurrengo ikasturtearen hasieran. Eskolak hasi berriak ziren, baina lauhilabeteko horretan Elenak ez zuen eskolarik, eta oraindik ez zuen Aritz fakultateko korridoreetatik ikusteko aukerarik izan. Ez zuten enkontrurik adostu oraindik, baina bien arteko Whatsapp txatak udan bezain aktibo jarraitzen zuen. Halako batean, larunbatean, etxeko lauak bazkaltzen ari zirelarik, Junek galdetu zion Elenari, ohi bezala gaztelaniaz: –Ama, ¿conoces a Aritz? ¿Aritz Urigoitia? ¿Le has dado clase? –Sí, creo que sí –erantzun zuen totelka, buruari eraginez gogoratzen ahalegintzeko ea Koldori aipatu ote zion bere ikaslearen izen-abizenak, ala ez–. ¿Por qué? –Nada, le conocí en verano en Sopela, y el jueves me lo volví a encontrar por la Kutxi –Koldok, labean egindako lupia platerarekin oso lanpetuta zebilenak, ez zuen zirkinik egin, eta, ondorioz, ezetz erabaki zuen Elenak, ez zizkiola senarrari aipatu mutilaren izen-abizenak, bere garaian–. Me dijo que estudiaba filo, pero hasta ahora no se me había ocurrido que igual podía haber sido alumno tuyo. –Pues sí, sí que lo fue… –¿Es bueno? –¿Cómo? –Si es buen estudiante… –No me acuerdo bien… Además, no está bien hablar del expediente de los estudiantes en este… contexto… –Venga, ama, si lo haces cada dos por tres –parte hartu zuen Xabik, bere arrebaren alde eginez, harrigarriki, txakurra eta katua bezala ibiltzen baitziren normalean. –Pero sin dar nombres. –Ya, seguro. También aita habla de sus clientes, y de los concursos que le roban en los ayuntamientos… Koldok barre egin zuen. –Vale, pero eso es diferente, son todos unos cabrones –jarraitu zuen aitak–. Deja en paz a la ama, tiene demasiados alumnos como para acordarse bien de todos. –Lo que pasa es que esta le ha echado el ojo al Aritz ese y quiere un informe completo… –Xabi hori ezagunagoa egin zitzaien bazkaltiar guztiei. –Imbécil –Junek. –Bueno, bueno, tengamos la fiesta en paz –moztu zuen aitak. Zorionez, elkarrizketa, Koldoren esku hartzearen ondoren, beste norabide batetik joan zen, eta kontua ez zen gehiago atera. Hala ere, Koldo eta biak bakarrik geratu zirenean, harrikoa egin eta sukaldea txukundu bitartean, Elenak aurreko kurtsoaren hasieran liluratuta zeukan mutiko hari buruzko iruzkin burlatiren baten zain geratu zen, dardarka, eta baita ondoren ere, beren ohetara joan zirenean. Baina Koldok ez zuen gaia atera. Hala ere, Elenak gaizki egin zuen lo, Juneren komentarioak buruan. Ez zuen sekula sinetsi izan amen eta alaben arteko lehia absurdu horietan, edo alaben gaztetasunaz eta edertasunaz jeloskor zeuden ama petralen iruditeria susmagarrian. Baina beldur bat sentitu zuen, lotsatik hurbil zegoena: bere bizitza The Graduate filmaren bertsio merkea bihurtzearen arrisku hipotetikoari hain zuzen ere. Galdetuko al zion zerbait bere alabari biharamunean? Edo gau horretan bertan, Whatsappez, Aritzi? Ezta pentsatu ere. Txikitasunaren abantailak (baleude)”. Literatura txikia eta minorizatua izateak harremana izan dezake ipuingintzaren sendotasun erlatiboki handiago horretan, zer esanik ez. Mahaira ekarri dioten hirugarren garagardoari hurrupa egin ondoren, “Saizarbitoria” eta “E. Rodriguez” idatzi du kaieratxoan, bata bestearen azpian, biok bat baitzetozen hipotesian, nahiz eta idazle donostiarra orokorrean ari zen, euskal literaturaren asmo garaiei buruz alegia, esperimentazioari tarte handiagoa utziko liokeena, eta kontsumoko literaturari espazio gutxiago. Rodriguezek, ordea, ipuingintzaren indarrari egiten zion, zehazkiago, erreferentzia, oso antzeko terminoetan, merkatu gorabeheretatik babestuago legokeen biotopo literario txikian garatzeko aukera handiagoak dituela iradokiz. Izan ere, eta nobelaren nagusigo guztiak gora-behera, euskaraz posible izan da ipuin liburu bat best seller bihurtzea, gertakari aski gaitza dena frantziar edo espainiar literatur sistemetan, adibidez. Eta best seller esapidea marra bikoitzaz azpimarratu du Elenak, horrekin ez diolako soilik erreferentzia egin nahi salmenta handiak lortu ditzakeen lan bati, baizik eta ipuin liburuaren maila literario berari ere, Jon Arretxeren Ostegunak edo Jasone Osororen Tentazioaken kasuek ondo irudikatzen duten bezala: ikaragarri saldu zuten ipuin liburuak, argitaratu zirelarik, baina kalitatearen aldetik –Elena eskuzabal sentitzen da– erdipurdikoak zirenak. Inguruko merkatu literarioen arau orokor bat hautsiz, beraz: argitaratzera iristen diren ipuin liburuak, produkzio osoaren gaineko ehuneko horren txikia izaki, eta bahe estuagoa pasatu ohi dutenez, kalitatezko literaturaren eremuan sartu ohi dira ia salbuespenik gabe, nobelagintzan gertatzen den ez bezala. Ipuingintzak euskal sistema literarioan okupatzen jarraitzen duen anomaliaren isla izan daiteke, ondorioz, fenomeno hori. Nahiz eta Elenak pentsatzen duen badaudela beste faktore batzuk, garai bateko hezkuntza ertaineko eta euskaltegietako “publiko gatibua” adibidez. Egun beherakorra dena literatur kontsumoari dagokionean, liburuek ez daukatelako jada, helduen eta gazteen hezkuntzan, 1990eko hamarraldiaren amaierara edo 2000koaren hasierara arte izan zuten zentraltasuna, ez hemen ez inon. Horrek, ondorioz, zaila egiten du ipuin liburuen bestsellerismoaren fenomenoaren errepikapena, aurrerantzean. Nahiz eta ez dagoen sekula jakiterik, noski. Bazkari haren ondorengo asteak sufrikarioa izan ziren Elenarentzat. Bera eta Aritzen mezu bitarteko komunikazioak beti bezain joria eta suharra izaten jarraitzen zuen; Elena batzuetan harritzen zen makina ergel horren bitartez bidaltzera ausartzen zen gauzekin: halakoei buruz irakurri edo seme-alaben bitartez jakin, bai, baina sekula ez zukeen usteko bera egitera iritsiko zenik. Baina, hala eta guztiz ere, ez zuten lortzen mutilarekin hitzordu bat finkatzea, arazo batengatik edo besteagatik; Elena ohartzen zen eragozpenak jartzen zituena, batzuetan, bera zela –agenda konplikatua zuen–, baina sinetsita zegoen desenkontruen erantzukizun nagusia Aritzena zela, hari inolako errietarik botatzeko bulkada ahal zuen bezala ekidin arren. Eta Elena irrikan bazegoen ere Aritzi Junez galdetzeko, edo Juneri Aritzez, isiltzea erabaki zuen, ez baitzuen paper patetiko hori jokatu nahi mutilarekin, edo deskubritua izatearen arriskua hartzea alabarekin. June, aurreko kurtso osoa Danimarkan Erasmus beka batekin pasatu ondoren, itzulia zen etxera eta hirira, farmazia ikasketekin jarraitzeko, eta, ohi bezala, ostegunetan berandura arte irteten zen, eta ostiraletan are beranduago jaikitzen. Elenak aurreko gauean zer giro aurkitu zuen galdetzen zion gosarian edo bazkarian, filologiako ikasleekin juntatu ote zen… Hori zen urrunen iristen ausartzen zena. Junek, ohi bezala, monosilaboekin erantzuten zien bere galderei, erantzuten zienean. Hura gertatu eta hurrengo ostegunean, ordea, bai ikusi zuela Aritz, baina ez berak desio zuen testuinguruan: mahai inguru bat egon zen Kultur Etxean, Irakurle Klubaren aurkezpen egunean, euskal literaturaren egungo egoerari buruz, eta han aritu zen Mikel Ayerbe kritikari eta lankidearekin eta Itxaro Borda idazlearekin. Elenari, zer esanik ez, ipuingintzari buruz hitz egitea egokitu zitzaion. Eta, publiko artean –aretoa handia zen arren, publiko gutxi zegoen, eta ondo ikusten zen nor zen nor–, Aritz zegoen, beti bezain lerden eta erakargarri, Gasteizko udazkenak eramatera behartzen duen gehiegizko arropa kopurua gora-behera. Mahai ingurua, bere horretan, ondo joan zen, Elenak gorriak ikusi zituen arren, batzuetan, oroitzen zenean ezingo zutela elkarrekin egon, ekitaldiaren ondoren, mahaiko beste partaideekin joan behar zuelako afaltzera. Otorduaren osterako geratzen saiatu zen, gauerdian edo, baina Aritzek afaria ere izango zuela gaztigatu zion Whatsappez, eta ez zekiela adiskideez libratu ahal izango zen. Galderen txandan gurutzatu zituzten aspaldiko lehen hitzak, Aritzek ekitaldian zehar esandako zerbaitetan sakontzeko eskatu ziolarik. –Pozten naiz galdera hori egin izanaz –mutilaren izena ahora eramateko zorian egon zen Elena, baina azken unean, profesionaltasun handiz, ito ahal izan zuen–. Intuizio bat besterik ez da, baina. Euskal Herria Ipuin Herrialdea zergatik izan daitekeen eztabaidatzeko orduan, beste faktore batzuekin batera, hizkuntza-egoerak zer ikusia ez ote duen galdetzen nion nire buruari, besterik gabe. Baldin eta Ipuin Herrialdea dela onartzen badugu, noski –esan zuen Elenak barre txikiarekin, besoak zabalduz, Itxaro Bordak buruarekin ezetz adierazten zuela begi-bazterrez ikusi ondoren–. Hots, historia zartatu bat izateaz gain, adostasun nazional askoren faltan egoteaz gain, hiru lurralde administratibotan zatitua egoteaz gain, eta abar, egoera diglosiko bat daukagu jaun eta jabe. Eta irudipena daukat ipuina ondo hazten dela hizkuntzek talka egiten duten lurraldetan, hots, hizkuntzek talka egiten duten idazleengan. Ez galdetu zergatik, oraindik ez dut nahikoa hausnartu kontuaz. Baina pentsa dezagun Kafkarengan, adibidez, alemanaren, yiddisharen eta txekieraren artean. Edo Borgesengan, gaztelaniaren eta ingelesaren artean; are tentatuta nago Cortázar hor sartzera, eta bere frantsesa, bere itzultzaile izaera… Edo Mavis Gallant kanadarra, ingelesaren eta frantsesaren artean. Ah, eta Jhumpa Lahiri, ingelesaren eta bengalieraren artean. –Jhumpa Lahiri ez da ba nobelagilea? –bota du norbaitek publikotik, ez Aritzek baina. –Izpirituz ipuinlaria da, nobelak idazten saiatzen bada ere; sentitzen dut, horretan oso ideia irmoak dauzkat… Izan ere, hizkuntzaz berriro ere aldatu delarik, orain italieraz idazten baitu, ipuinak idatzi ditu… Bale, ipuin luze bat, nobela gisa saldu duena, baina, funtsean, ipuin izaera duena. Eta, ados, denek aukeratzen dute hizkuntza bat, hasieratik; Lahiriren kasua, alde horretatik, pixka bat muturrekoa litzateke, noski… Baina hizkuntzen arteko talka hor dago, haien jardunaren erdian. Txekhoven lehenengo eskola, Taganrogeko bere sorterrian, mutilentzako gymnasiumera joan aurretik, grekoa zen, pentsa… Bi hizkuntza, hor ere… –Baina, kasu horretan, espero izatekoa litzateke gaztelaniazko euskal idazleen artean ipuinerako joeraren zantzuak egotea orobat, ez duzu uste? Eta nik ez dut horren argi ikusten… –oraingoan parte hartu zuena Aritz izan zen, eta Elenak atzera sentitu zuen hutsarte hura sabelpean. –Bueno, gaztelaniazko idazleen artean ere badaude ipuingile onak, Jon Bilbao bezala. Pedro Ugarte ipuingile hobea iruditzen zait nobelagilea baino, Aixa de la Cruz berdin… Baina markoa, parametroak beste batzuk dira, literatura hegemonikoarenak noski. Eta espainola, sentitzen dut, Nobela Nazio bat da… Aritzek ez zuen beste ezer galdetu, eta eztabaidak beste norako bat hartu zuen ondoren, saioa amaitu arte, ez beranduegi halere. Elenak, oholtzatik jaitsi eta bera entzutera etorritako adiskide eta ezagunekin elkartu bitartean, bistarekin bilatu zuen Aritz, eta mutilak keinu bat egin zion, nahiz eta ez zuen jakin zehazki nola interpretatu. Are gutxiago kontuan hartuta Koldo aretora sartu eta mutilaren ondotik pasatzen ari zela. Une batez begirada bat gurutzatzen zutela iruditu zitzaion Elenari, baina Aritz, malguki batek bultzatuta bezala, ezarian alde egin zuen aterantz, Koldo, beragana hurbildu, bi muxu eman eta zer moduz joan zitzaion galdetzen zion bitartean. Ez zen sekula joaten bere hitzaldietara “asko sufritzen zuelako” bera urduri ikusita, “katedran”. Baina batzuetan bila joaten zitzaion ekitaldia amaitzen zenean, ordukoan bezala, nahiz eta Elenak ez zuen jada gogoratzen noiz izan zen azkeneko aldia. Oso aspaldi, hori seguru. Haiekin afaltzera gonbidatzera beste erremediorik ez zuen izango, eta Elenari ez zitzaion inporta, Koldo gizartekoia zelako, bera baino dezente sinpatikoagoa, eta ziur zegoelako ondo pasatuko zutela denek elkarrekin. Baina pentsatu zuen, atsekabe puntu batez, edozer eginda ere, gau hartan ezin izango zukeela Aritzekin elkartu, azkenean. Berandu iritsi ziren etxera, baina ez, halakoetan gertatu ohi zitzaien bezala, June baino lehenago, oraindik ere parrandan ibiliko zena alde zaharreko tabernetan barna. Xabi bere kobazuloan sartuta egongo zen, PS4arekin jo eta su, logelako ate azpitik filtratzen zen argi-xirripa dardaratiak salatzen zuen bezala. Ibuprofeno bana hartu eta ohera sartu zen bikotea, baina Elenak bazekien ez zuela ondo lo egingo, ardo gehiegitxo edan zuelako afarian, eta, ajea kontrolpean mantentzeko pilula gorabehera, behin eta berriro esnatuko zelako gauean zehar, kirioak jota. Junek Aritzekin topo egiten zuela amestu zuen, barre egiten zutela zerbeza batzuk hartu bitartean, elkarrekin hasten zirela dantzan kristalezko bola distiratsu baten errainuen azpian. Baina agian ez zen amets bat izan, esnatzen zen uneetan irudikatzen zuen zerbait baizik. Halako batean, hori ere ez zekien amestu zuen ala ez, giltzen soinua entzun zuen kaleko ate aldetik, eta Juneren urratsak. Junerenak, eta beste norbaitenak: ez zen lehenengo aldia halako zerbait gertatzen zena –guraso liberal bezain ulerberak ziren, azken batean–, eta ondo ezagutzen zuen etxean elkarrekin sartzen ziren bi pertsonek, are isilka ibiltzen saiatuta ere, korridorean sortzen zituzten soinu-uhinak. Juneren xuxurlak eta barretxo itoak bereizi zituen, baina ez laguntzen zien beste pertsonarenak. Haietan ere zerbait ezaguna egin zitzaion arte. Elena ohean tentetu zen derrepente, eta pasilora ateratzera zihoan, beste ohean Koldo mugitu eta “¿qué pasa, cariño?” esan zuen arte, oraindik lo zegoela adierazten zuen ahots oretsuarekin. Orduan kieto gelditu zen bere ohean, eta halako batean ahotsak eta zaratatxoak entzuteari utzi zion, ez zuen jakin Juneren gelaren atea itxi zen ala ez, eta erabaki ezinik geratu zen ametsetan ala esna jarraitzen zuen. Berriro etzan zen, hortaz, edo etzanda jarraitu zuen eta beste aldera eman zuen buelta. Biharamunean ez zeukan buruko minik, baina neka-neka eginda zegoen. Koldo ez zen inon ageri, lehenago altxatua zen. Komuneko ispiluan bere isla aztertu eta masail erdi bana kolonizatzen zioten betzuloak madarikatu zituen. Eye contour bat bilatu zuen, aztoratu antzean, nezeserren artean –bere bainugela nahaspila bat zen, aitortu beharra zuen–, Aritz edozein unetan Juneren logelaren atea zeharkatuko zuela espero zuen arren, edo horregatik hain zuzen ere. Non zegoen krema-tubotxo madarikatua, bat baino gehiago zeukala uste zuen. Absurdoa zen, bazekien. Filorga markako bat topatu zuen, azkenean. Begientzako makillajearen freskura atsegina iruditu zitzaion, baina betzuloak ez ziren, zer esanik ez, desagertu. Kanpoko atea entzun zuen orduan: Koldo zen, kalera kruasanak eta ogia erostera atera zena. Bazekien zein zen haren helburua: Junerekin gaua pasatu zuenari abegi ona egitea, aita progrearen papera antzeztuz, beraiekin gosaltzera gonbidatuz, June lotsarazteko. Aspaldiko jolasa zen, Junek mutilak etxera ekartzen hasi zenetik, aukera suertatzen bazen, burutzen saiatzen zena. Ez zuen sekula asmatzen, zer esanik ez, eta sarkin gehienek, gau batekoak ala sarritxoagokoak izan, uko egiten zioten, logikoa zen bezala, gosariari, eta ihes egiten zuten etxetik, hitz erdizka botatako desenkusen artean, Juneren atzeraeginezko suminerako. Pailazokeria bat zen, eta Elenak onartzen zuen beste batzuetan grazia egiten ziola. Baina egun hartan ezingo zuen jasan. Kafe eta kruasan usaina etxe guztiaz jabetuta zegoen Juneren atearen kirrinka entzun zenean. Koldo eta Elena korridorera atera ziren, eta itzal bat ikusi zuten bainugelara bizkor bideratzen. Neska bat zen, bientzat ezezaguna. Koldok sekulako irribarrea egin zuen, zein aurrerakoia zen erakusteko aukera paregabe harekin aldez aurretik gozatzen. Elena sukaldeko aulkietako batean amildu zen, gorputzean zeukan energia apurra ahitu egin balitzaio legez, eta kafe kankarro bat zerbitzatu zion bere buruari. Karolina –hala deitzen baitzen neska, gero jakin ahal izan zutenez– ez zen gosaltzera geratu, espero izatekoa zen bezala. June muturtua egon zen haiekin egun erdiz. “Sois muy tontos”, esan zien behin eta berriro. Bai, ergelak gara, eta ni inor baino gehiago, pentsatu du Elenak. Anomalia bat. Euskal literatura anomalia bat izan zitekeen bezala, haren homologazio eta “normalizazio” ahalegin guztiak gora-behera. Eta agian ipuingintza hori zen, besterik gabe, anomalia horren beste erakusgarri bat. Bertsolaritza bezala, bururatu zaio une batez, horrore puntu batekin. Ez da kaieran apuntatzera iritsi, badaezpada. Baina ezin du ekidin euskal ipuingintzaren inguruan azken urteotan detektatu dituen bitxikeria asko, agian, hori besterik ez direla, normaltasun nahiaren eta berezko izaera anomaloaren arteko tentsioaren ondorio bat. Zeren eta batzuetan ematen du ipuingintzak sekulako prestigioa duela, gurean, eta beste batzuetan nobelatriara makurtzen dela euskal literatur sistema. Ohartua zen, adibidez, Susa argitaletxean, garai batean, politika egon zela ipuin liburu gisa iritsi ahal izan zitzaizkien lanak nobela “bihurtzeko”. Halako hiru kasu ezagutzen ditu, gutxienez, eta koadernoan apuntatu ditu: Mikel Antzaren Atzerri, Mikel Tabernaren Alkasoroko benta, eta Koldo Izagirreren Lorea Gernika. Horiek, esan bezala, Elenak susmo sendoenak zituen kasuak besterik ez ziren, eta auskalo izebergaren punta baino ez ziren. Garai batean lankideen artean erabili zuten inoiz, txantxarako, gaia, adagio bihurtuta ia: “Zer da nobela? Susak erabakitzen duena”. Beste muturrera ere joaten da batzuetan euskal literatura, nobelaren gurtzari muzin eginez, eta, modu batean edo bestean, ipuinak gurean oraindik duen prestigio apur horri dei eginez. Batzuetan justifikazio handirik gabe, Miren Agur Meaberen Hezurren erretura liburuaren kasuan bezala, gehiago duena nobelatik ipuin liburutik baino: testuetako askori, hizkuntzaren txinparta guztiak gora-behera, ipuinak beharko lukeen eztena edo barne-indarra –puncha– falta zaielako, nobeletako atalei gerta dakiekeen bezala alegia, eta “ipuin-atal” batzuek ez daukatelako autonomiarik apenas, irakurlea ezin baita haietaz ondo jabetu aurrekoak leitu gabe, ipuin liburuaren printzipio nagusietako bati uko eginez, beraz. Eta, beste batzuetan, are ausarkeria moduan, produktuari egin dakiokeen balizko kalte komertzialari kasurik egin gabe, Unai Elorriagak Iturria liburuarekin egin zuen bezala: oso erraza zeukan soilik nobela gisa aurkeztea, osatzen duten ipuinen haria –kasu horretan ipuinetatik guztiz berezita ageri dena– edozein nobelarena bezain sendoa den neurrian. Baina egia aitortzeko hautua egin zuen, eta “nobelaz mozorrotutako ipuin-liburua” zela iragarri, Elenari goraipagarria iruditzen zaiona. Elorriagaren baieztapena zehaztu du sakelakoaren bitartez egin duen Google bilaketa bizkor batez, eta buelta eman dio, Hezurren erreturaren aipuari gehitzeko, koadernoan: “Ipuin-liburuz mozorrotutako nobela”. Beste hurrupa bat jo dio bere zerbezari. Horrekin kontrastean –bururatzen zaio–, deigarria da zein temati aritu zen Bernardo Atxaga bere Etxeak eta hilobiak lanaren nobelatasuna defendatzen, garai bertsuan, eta kontrako edozein iradokizunari aurre egiten, batzuetan are haserrearen mugetan, hain zuzen Gasteizko Kultur Etxeko beste mahai inguru batean Elenak berak egiaztatu ahal izan zuen bezala. Eta, ados, idazlea guztiz burujabea da erabakitzeko zein etiketarekin plazaratuko duen bere lana. Eta horrek, zalantzarik gabe, pisu handia du, irakurlearen harrera dezente baldintzatzen duelako. Baina idazleei batzuetan ahazten zaie irakurleak ere baduela bere subiranotasun-kuota ere, txikia izan arren, eta bestela interpretatu dezakeela eskura etortzen zaiona. Eta hor Elenak badu emendakin bat, Etxeak eta hilobiak, pertsonaia konpartituen gainetik, eta Atxagaren ahots narratibo zoli eta eskarmentudunaren gainetik ere, ipuin liburua iruditzen zaiolako gehiago, nobela baino. Are gehiago, ipuin liburu gisa, eta ekonomiaren printzipioa zorrotzago aplikatuta, hobeto funtzionatuko lukeela esango luke. Atxaga kontalari bikaina delako, horretan ez dago zalantzarik, baina, prosari dagokioenean, bere izaera funtsezkoa –Borgesena bezala, Cortázarrena bezala…– ipuingilearena delako, ez nobelagilearena. Nobelagile peto batek, esaterako, ez du honela hitz egiten generoari buruz –eta Elenak gogoan zeukan Atxagari egindako Argiako elkarrizketa bilatu du sarean, eta, gero, kopiatu du kaieran–: “Esaten da haritzaren azpian ez dela ezer sortzen. Nobelaren azpian ere ez da ezer sortzen, erre egiten du azpian dagoen guztia. Eman dezagun, liburu hau [Etxeak eta hilobiak]: aurreneko urtea pasa dut desbideak hartzen, atzera-aurrera, denbora, orduak... Eta gero itzultzen. Iruditzen zait ez dagokidala jada. Sukaldea jaso behar dut”. Ez, zinezko nobelagile batek –pentsatzen du–, gehiago egingo luke Will Selfena bezalako adierazpena: “Fikzioa idazten plazera besterik ez dut lortzen; ipuinak atariko jolasak dira, nouvelleak laztan biziak, baina nobelak konpleto bat dira. Egia esan, nobelak idaztea gustatuko ez balitzait, ez nuke halakorik egingo: munduak apenas behar ditu gehiago, eta nire trebetasunak dituen norbaitentzako gauza askoz ere baliagarriagoetan pentsa dezaket. Den bezala, mundu paralelo baina sinesgarrietan murgiltzeak nire eskari guztiak asetzen ditu ordezko esperientzia, voyeurismo eta gimnasia filosofikoari dagokienean. Are idazketaren mekanikaz gozatzen dut, idazmakinaren teklen tinbal lotsatiaz, oharrak hartzeaz –ohar asko hartzeaz–, eta denetan erakargarrienaz: papergintza materiala erosteaz”. Ordenagailuaren aurreko mundua gogora ekartzen duen arren, irudia esanguratsua iruditzen zaio, oraindik ere. Eta Elenak ez du horrekin pentsatzen, ezta gutxiago ere, Atxagak gaizki egin zuenik nobelaren bide luze eta malkartsuari ekitean. Meritu ikaragarria dauka. Izan ere, karrera literario bat eraiki ahal izan du horrela, eta inoizko euskal idazle arrakastatsuena eta nazioartekoena bihurtu da. Are gehiago, goresgarria iruditzen zaio guztiz, zerbaitek euskal literaturari “normaltasun” indiziorik inokulatu badio erabaki hori izan zelako, besteak beste. Baina pentsatzen du, halaber, Atxagak ez ziola utzi, horregatik, ipuingile izateari, McEwani gertatu zitzaion bezala. Eta euskal literatura garaikidea zeharkatzen duen normaltasunaren eta anomaliaren arteko dialektika horren barruan, zeinetan, zer esanik ez, eta zorionez, ipuina anomaliaren aldera lerratuko balitzatekeen, oro har, harrigarria egiten zaiola, batzuetan, Atxaga bezalako idazleengan detektatzen duen ipuinarekiko gutxiespen modukoa. Are gehiago kontuan hartuta nola ikusten duen, idazle gisa, asteasuarra. Horretan ere, hainbeste gauzetan bezala, erratuta egon daitekeen arren, noski. Aritzekin egon zen bezala, hain zuzen. Edo agian ez, oraindik ezin izan du erabaki. Azkenean lortu baitzuen harekin hitzordua egitea, ikasturte hasiera arraro horretan. Bi aldiz arraroa, pentsatzen du orain Elenak, bi arrarotasun gainjartzen baitziren bata bestearen gainean: amorante gazte bat izatearena, lehengo urtetik zetorrena, eta berria, desenkontruarena, amorantearekin ezin elkartu ahal izatearena. Mahai inguruarena gertatu eta hurrengo astean, azkenik, Whatsapp mezu-kate korapilatsu baten ostean, lortu ahal izan zuten gelditzea, ordura arte erabili ez zuten hiriko periferiako hotel berri aseptiko horietako batean, Elenari sentimendu kontraesankorrak eragiten zizkiona: alde batetik, eszenatoki zatarrak eta inpertsonalak iruditzen zitzaizkion; bestetik, etxean bota beharreko aitzakia –Zaragozarako bidaia, literatura iberikoen lan-talde batekin bilera, nazioarteko kongresu baten antolaketaren inguruan– arinagoa egiten zitzaiolako nolabait, Zaragozan ere antzeko hotel arrunt batean hartu beharko zukeelako ostatu, ziurrenik. Burmuinaren kimikaren trikimailu ergelak. Gaua ondo joan zen. Ezer gertatu izan ez balitz bezala. Gela-zerbitzuari eskatu zioten afaria, biei gustatzen zitzaien janari txinatarra, eta Albariño botila bat, osorik hustu zutena eta mihia askatzen lagundu ziena. Asko hitz egin zuten: literaturaz –noski–, unibertsitateaz, estudiante pisuetako eta parrandetako anekdotez –Aritzek–, filmez eta telesailez, politikaz –biek ere, baina oso modu ezberdin eta batzuetan kontrajarrian, ez iritziengatik, iritzi horiek botatzen zituzten talaien ezberdintasunagatik baizik–. Ez zuten aurreko asteetako desenkontruaren gaia atera, ez batak ez besteak. Elena saiatu zen, horren guztiaren azpian, aurreko asteetako ezinegonaren arrastoak topatzen, pistaren bat emango zion zerbait, baina ez zuen ezer sumatu, mutilarekin egoteko pozaz harago, eta bere burua madarikatu zuen, une batzuetan, poz horretaz osoki disfrutatzeko bere ezintasun neurotikoagatik. Gero maitasuna egin zuten, mantso, goxo, beharrezko luzamendu guztiekin. Hor ere ez zuen ezer ohiz kanpokorik nabaritu, gorputzak aspaldi eskatzen zion zor baten kitapena ezik. Aritz berehala gelditu zen lo bere ondoan, inbidiagarria egin zitzaion sakontasun bete bezain arduragabearekin. Elenak, ordea, ezin izan zituen begiak bildu. Eta halako batean, amildegi ertzaren erakarpenak bultzatuta bezala, pixka bat altxatu, eta, Aritzen gorputz epelaren gainetik besoa luzatuz, haren sakelakoa hartu zuen mesanotxetik. Ez zeukan gakorik –kontzientzia garbiaren seinale, ala soilik axolagabeziarena?–, eta hatz ukaldi batez zabaldu ahal izan zuen menua. Erruduntasun sentimendu gero eta handiagoz, Whatsappeko txatak errepasatzen hasi zen, amorante gazteago batenak izan zitezkeen mezuen bila. Baina bien artekoez gain, lotsaturik, ez zuen mota horretako besterik aurkitu. Jaisten eta jaisten jarraitu zuen mezutegian, hilabeteetan atzera eginez; nabaria zen Aritz, bera ez bezala, mezu bakar bat ere ezabatzen ez zuen horietakoa zela. Eta orduan ikusi zuen. Biribiletako baten barnean, Koldoren argazkitxoa, eta zabaldu zuenean, baiki, bere senarraren telefono-zenbakia. Mezu gutxi ziren, laburrak, guztiz aseptikoak, elkartzeko hitzorduak adosteko: kafetegi batzuen izenak, ordu batzuk, gora altxatutako hatz potoloen emojiak. Ez oso sarriak, bizpahiru hilabeteko tarteekin askotan. Lehenengoak Aritz eta bien arteko afera hasi baino pixka bat aurrekoak. Eta ipuina berreraiki egin zuen istant gutxietan bere buruan. Etxean bota zituen lehenengo iruzkinak, maiteminduta omen zeukan ikasleari buruz. Koldoren galderak eta txantxak, beraien arteko jolas pribatu bihurtu zenean. Eta, pixkanaka, senarraren gogoan eratzen joango zen ideia, Elenaren inpresio ziurrenik faltsu hura, oinarririk izatekotan, gauzatzeko antolaketa: nola bihurtu biak, ikasle eta irakasle, amorante. Ez zitzaion zaila izango ikertzea nor zen mutila, eta harekin kontaktuan jartzea. Eta, ondoren, noski, estudianteari buruzko Koldoren isiltasun –orduan ohartu zen– guztiz anormal hura. Nola lortuko zuen horretara bultzatzea? Diru truke, ziurrenik: gradu berria bere kabuz ordaintzen ari zen Aritz, eta, izan ere, harremana estutzen hasi zirenean, klase partikular batzuk ematen ari zela kontatu zion, eta AEKra curriculuma bidalita zeukala, euskaltegiren batean ordezkapen bat egiteko, aukera sortuz gero. Baina egia zen halako kontuei buruz hitz egiteari utzi ziola une batetik aurrera; ados, Elenak ordaintzen zituen hotel gastuak, eta antzekoak, baina Aritz ez zuen sekula diruarekin kezkatuta ikusi, hasieran ezik. Hortik hitzordu horiek guztiak, hilabeteetan zehar: kontu korrontea konpartitua zutenez, Koldo ezin zen arriskatu ordainketa horiek guztiak transferentzia bitartez egitera; Elenak berak eskudirutan ordaintzen zuen Aritzekin batera egindako gastu oro. Eta ziur zegoen, bestalde, dirua ez zela izan Koldok Aritzi eman zion gauza bakarra: ipuingintzaren inguruko argudio haiek guztiek, Dekameroneaz eta iraultza burgesaz, eskoletan liluragarriki erabili zituenek, eta galdera beti horren pertinente haiek guztiek, senarrak berak pasatu ahal izan zizkiola susmatzen hasia zen, sedukzio jokoan eragina izan zezaketelakoan. Eta Elenak hala izan zela aitor zezakeen, baiki. Zer motibazio izan zezakeen senarrak, hori beste kontu bat zen. Ezin zuen baztertu libertimendu hutsa izatea, Koldo horrelakoa baitzen, jolas zalea; beti izan zen, Elena ez bezala. Haren desleialtasun bat ezkutatzeko ke laino bat, kulpa murrizteko alibi bat, berdinketa moral bat lortzeko amarrua? Ez zen baztertzekoa, baina ez zuen uste, auskalo zergatik, jadanik ez baitzekien zer pentsatu. Opariaren hipotesia gertagarriagoa begitantzen zitzaion: hura zen Koldok egiten zion erregalua, bere buruarekin hobeto sentitzeko, fantasia ergel bat gauzatzeko, behingoz literarioa izango ez zen abentura bat bizitzeko. Eta, bidez batez, bien arteko egoera leuntzeko, urteek higatutako harremanaren tentsio guneak koipeztatzeko. Izan ere, horretaz ere ohartua zen Elena, bien artekoa aspaldi baino hobeto eta lasaiago zihoan, beraren kezkak eta beldurrak beste foku batean, Aritzengan ipini zituenetik. Aritzena erraza zen irudikatzen. Are, kontuak eskatuz gero, eduki zezaketen elkarrizketa imajina zezakeen. Jakina sentitu zuela, hasieratik, zerbait beragatik. Mirespena. Lilura. Eskolak ikaragarri motibagarriak iruditu zitzaizkion. Erakarmen intelektuala. Fisikoa ere, zergatik ez: seguru hori ere azpimarratuko zuela mutila, barru onekoa baitzen, edo hori uste zuen bederen. Koldoren dirua tartean egon izan ez balitz egingo zukeen? Auskalo. Azken finean, Aritz ez zen inolako pausorik ematera ausartuko baldin eta Elenak ere gustuko zuela jakin izan ez balu, eta hori Koldoren bitartez baino ezin izan zuen jakin ziurtasunez. Kontua da egin, egin zuela. Eta orduan xamurtasun bat sentituko zuela Elenarekiko. Hazten joan zen zerbait. Hura erreala zen. Benetakoa zen. Berdin zion zein izan zen hasiera, benetako bihurtua baitzen. Bazekien hutsuneak zeudela ipuinean. Elipsiak. Desfaseak. Eta ziur zegoen egunen batean osatu ahal izango zituela. Baina ez oraindik. Ez zegoen kuidadorik: are zarata handiagoa egin izan balu atzera jantzi eta hoteleko gelatik ateratzean, Aritz ez zen esnatuko. Autoa hartu eta, erdigunera joan beharrean, hiri irteerarantz abiatu zen. Gurasoen etxea zenetik pasatuko zen, Tolosatik, eta gaua han igaroko zuen. Agian hurrengo eguna ere bai, oraindik goiz izango baitzen inork haren falta sumatu aurretik. Biharamunean bertan idatziko zuen sailera, egun batzuetan eskolak bertan behera utzi beharko zituela abisatuz, xehetasunik eman gabe; gero gerokoak. Ondoren, gurasoen etxea zenetik arropa pixka bat hartuta, beste norabait joango zen, Koldok, bilatzen hastean, hara joko baitzuen lehenik eta behin. Kostaldera joango zen, hotel batera. Agian Landetara. Itsasoa ikusteko desioa zeukan, bista ostertzean galtzeko, olatuen mugimenduek pentsatzen laguntzen baitziote; ez dago Joxe Azurmendirekin batere ados, hark aldarrikatzen zuelarik itsasoa estetika superfizial bat dela. Edonola ere, hara iritsita, ez zien, zer esanik ez, telefono deiei eta mezuei jaramonik egingo. Ez behintzat denbora batez. “Ipuina adulterioa da”. Berarekin eraman duen kaieraren lehenengo orrialdera itzuli da, eta ozen irakurri du. Zalantza asko sortzen zizkion esaldiak, baina horrela, ahots goran, aitzakiarik gabekoa iruditu zaio, planteamenduak badaramala egia bat bere baitan. Egiaren zati bat, bederen. Ondoren, idatzitako ohar guztiak berrirakurri ditu, zuzenketa txikiren bat eginez, edo asterisko batzuk gehituz han eta hemen. Badauka eskema. Orain bakarrik hitzaurrea erredaktatzea falta zaio. Erlojuari so egin dio, eta gero itsasoan galdu du begirada. Ordu erdiko atzerapena daramate, biek ala biek. Bakarrik dago pasealekuko terrazan, sasoiz kanpoko arratsalde eder eta hotz hartan. Ez daki nor helduko zen lehenengo, Koldo ala Aritz. Ezta bietakoren batek huts egingo duen, ala biek. Edo are elkarrekin etorriko ote diren, konpontxo eginda, auto berean: bilerarako deialdia bidali zienetik Whatsappa desaktibatu, eta posta elektronikoa zabaltzeko tentazioari eutsi dio. Horrela literarioagoa da dena. Ipuin batean bezala. Zarata bat entzun du bere atzean. Ez du burua itzuli, eta hondartzan olatuak nola hausten diren kontenplatu du hamaikagarrenez. Norbait hurbildu da mahaira, baina ez da esertzera iritsi. Zerbitzaria da, beste zerbait behar duen galdezka. Eta beste garagardo bat eskatu du. Azkenekoa, gaurkoz, agindu dio bere buruari.
booktegi.eus ipuinak kontatzen nituenean JOSU LANDA AURKIBIDEA Hondarrezko amodioak Tiro bat besterik ez Jainkoa lagun Bi ordu luzetako istorio iragarria Etorkizunik ez da Nerbioi ibaian galdu zen gorpua Pinpilipauxa betiko Hondarrezko amodioak Hurrengo egunean berari tokatzen zitzaion. Farolaren argi baliotsuak iritsarazten zion argiaz nekez irakur zezakeen papertxoa. «Ez zaizkidak mutil zatarrak gustatzen. Abiso». Gaueko hamaikak eta laurden zituen eta handik pixkara etxera joan behar zuen, derrigorrez, bestela giltzen faltan ezingo zuen etxean sartu. Aulkitik jaiki eta barandila zurian apoiatuz hondartza begiratu zuen, apur bat harago zegoen itsasoari erreparatu gabe. Bai, hurrengo egunean tokatzen zitzaiola ari zen pentsatzen. Horretaz eta horren inguruko roilo guztiez. Ea zer funtzio zeukan joko horrek guztiak. Berak behintzat ez zuen batere garbi ikusten. Hondartzako erlojuak atzeratuta zebiltzala konprobatu zuen bezain laster, pixkanaka ibiltzen hasi zen, hurrengo egunean bere mezua idazteko leku egokia finkatzearren. Aharrausi pare bat ere bota zituen bota, eta momentu batean kezka guztiak pilatu bazitzaizkion ere, leku bat erabaki zuen bere buruarekiko. Ez zen oso orijinala baina horretan orijinaltasunak ezer gutxi du inporta. Bai, diskotekaren parean ipiniko zuen ilargi betea tokatzen zuen hurrengo egunean. Kapritxo bat besterik ez zirudien arren, zazpi hilabete zeramatzaten jolas gisako harekin. Zazpi hilabete eta hamalau mezu. Bera ilargi betean eta bestea ilargi berrian. Ezkerreko bizkarretik zintzilik eta danbadaka zeraman makutotik zigarro bat atera zuen, pixka bat geroago papertxo zimurtu hura sartu zuela. Nazka izpi bat ere nabaritu zitzaion keinuari. Nazka baino gehiago aspertasuna. Joneri askotan esan zion axolarik gabeko joko batetik ez zela pasatuko, baina Jonek beti nanai, «azkenean sarean eroriko haiz; ez zekiat zer nolako sarean baino eroriko haiz». Zigarroa biztu zuenerako, busaren geltokira iristekotan zegoen, eta haren barnean lasai-lasai eserita izango zuen astirik mezuaren hitz konkretuak asmatzeko. Dena dela, zerbait erradikal, erokadaren bat, egiteko gogoa sartu zitzaion. «Bat Aietera faborez». Hurrengo goiza aurreko mezu guztiak berrikusten pasatu zuen. Hasiera ez zuen gogoratu ere egin nahi, hain artifiziala suertatu baitzen! «Maite haut baina bihar akaso ez haut maiteko», «hire errealitatea hire fantasia bezain polita izango balitz...», «hoa popatik hartzera baina ez oso urruti, badaezpada ere» eta beste hiruzpalau gehiago zituen paper banan transkribaturik. Bazkalostetik aurrera ideia bat gelditu zitzaion pentsamenduan fijo, eta normala zen legez, bazter ilunen batera makurtu eta bultzatu nahi izan zuen. «Ez hago burutik sano» behin eta berriro, baina bere buruak ere ez zuen sinetsi. Eta gau hartan tamarindoen itzaletik begiratu zuen Kontxa, perla galduren bat arkitu nahian edo. Egun hartakoa oso desberdina zen, arras desberdina, bezperakoarekin konparatuta. Duda mugimendu batzuk egin zituen boligrafoarekin, ez bailekien boligrafoa larruan barne sartu ala behingoz paper hartan gero hondartzan idatziko zuena idazten hasi. Azkenean presaka hasi eta erdi-itzalean eutsi zion tintari, eta bukatu bezain laster deabruak hartuko bailuen korrika hasi zen eskaileretan behera, azken saltoaz hondarrera erori, jaiki eta aurrean arkitu zuen botilan paper tolestatua sartu ondoren, hondarraren sabelean abandonatu zuen, muturra airean, kristo guztiaren bistan, eta mareak harrapatuko ez zuen toki batean. Inoiz baino letra handiagoez idatzi zuen idatzi beharrekoa. Presaka eta pentsatu gabe, euliek larrua jotzen duten bezala. Korrika eta korrika berriro ere autobusaren terreno neutralera iritsi arte. Hala ere, hondartzan gelditu zen «hemen dago» eta ondoko gezia inoiz baino gertuago zituen. Aietetik ere ikus zitezkeen. «Juan Mari, Josemi nauk, hire eskalatzeko soka behar diat... bai, gero hortik pasatuko nauk... orduan Bulebarrean geldi gaitezke..., bale, hamabitan... esker mila, gero arte» telefonoak permititzen zuen neurrian burututzat eman nahi izan zuen ekintza; ekintza eta erabakia. Bestalde imajinatzen zuen esku anonimoren batek botila hartu ondoren irakurriko zuela: «gaur gauean, hementxe zintzilikatuko naiz, etorri eta ikusi. Gratis da». Pentsatu zuen hori zela autobusa hartuko zuen azken aldia, eta inoiz baino gusturago pagatu zituen hogei pezeta haiek. Bulebarreko komunetan egin zuen piza, eta pixka bat kostatu bazitzaion ere, askoz gehiago kostatu zitzaion, askoz luzeago egin zitzaion egun hartan Kontxako Perlaraino egin zuen paseotxoa beste egunetakoak baino. Erlojuak, zuela egun pare bat bezain atzeratuta zeuden, baina itsasoa begiratu zuen segituan, denboraren grina ez probokatzeko edo. Ia ez zion ezerki esan bere buruari. Bere izate guztia zapaltzen zuen iluntasun itxi haren pisu leun eta liberadorea, hori zen guztia, bai, ez zegoen besterik. «Surik ba al duzu?» Nola izango zuen bada, baina, noski, emakume hark zer jakin behar zuen. Ez surik, eta ez ezer ehun metro lehenago paper ontzi batean bota baitzuen poltsikoetan zuen guztia. Beno, guztia ez, «dokumentazioa gorde egingo dut, inork ez daki eta zer gerta daitekeen», eta tipi-tapa aurrera argi distirant eta intermitente haiek zituen letrero hartarantz. Baina ez zuen ezertan ere pentsatu nahi korapiloa egiten ari zen bitartean. Handik aurrera paperaren botila hartu zuen esku anonimo beraren akzioa bakarrik zen inportantea. Bestea soberan zen. Pultsuka jaitsi zen sokatik eta bukatu zenean han gelditu zen zintzilik, korapilo lasaiak permititzen zizkion minutu pare hori estutu nahian. Eta zorabiatzen, larritzen, mareatzen hasi zen ordurako, «pena da» pentsatu zuen, urrutitik garrasi bat hurbiltzen zitzaiola antzeman zuen eta. 1982ko azaroa Tiro bat besterik ez Tiroen hotsak eta balek eginiko ziztuak gutxiagotuz gero eta begirada momentu batez lurretik altxatu bezain laster, kale bateko espaloitik bestaldekora pasatzen dira soldaduak. Zentzu guztiak joko horretan jarri nahian edo, ia inork ez du galoidunaren agindurik entzuten. Aurretik jakindakoa egitea da egiteko bakarra, edozein medioz eta inola ere atzerantz jo egiteke. Airean azken jirabira eman, eta bestaldera iritsi haiz azkenik. Lehena izan haiz, eta beste guztiak oraindik abiapuntuan daude, beste espaloian alegia. Ez duzue etsairik ikusten baina halere burua babestu nahian zabiltzate. Herriaren erdian hagoela kalkulatu duk, eta morteroen jaurtigai eta eztandengatik ez balitz, denbora gutxi barru herri osoa zuen esku zenuketen. Mekaguendios!! hiru metrotara lehertutako azken eztandarekin, eta burua kasko azpitik altxatu baino lehen beste bi eztanda handiago aditu dituk, bata kalearen bestaldean, eta bestea hire atzean dagoen eliza hondatuan. Hi tartean, lurrean etzanik eta eskuak garondoan, ia-ia kasko azpian. metrailadorearen zenbait koska sabelean iltzatu zaizkik, eta oinazeari ihes egitearren ahal izan ahala gorputza lurretik bakandu duk. Esku batez kaskoa begi aurretik altxa eta hire lagunak zeuden tokira zuzendu duk begirada. Hasieran ikusi duk ez direla oraindik lurretik jaiki, baina baten batzuk tripaz gora zeutzala antzeman duanean konprenitu duk ezetz, ez zirela gehiago inoiz altxatuko. Haien erdian, eztandak lurrean egindako zulo handia, geratu zen lekuko bakar gisa. Hik badakik ez duala negarrik egingo, horretarako hezi hinduten eta, baina dena den jaitsi egin duk burua, ama hotz eta hondartsu baten kontsolamendua aurkitu nahian edo. Haur ttipi baten negarra aski urrun baina garbi entzuterakoan, berriro ere ernai gelditu haiz, atzealderantz adi-adi. Morteroen jo-puntua badirudi apur bat eskuinerago alderatua dela, eta etengabeko negar algara haiek azkar mugitzera eragin diate gogoa. Jaiki, ezkerreko sorbaldatik zintzilik ipini metrailadorea, eta mugimendu arin pare batez eliz atariraino gerturatu haiz, eta bertatik ateratzen den ke adarraren azpitik narrastuz, sartu haiz azkenik eliz barnera. Ez duk ezer ikusten, baina halere hor segitu duk lurretik irristatuz, nolanahi ere gero eta gertuago entzuten dituan negar horietarantz. Eztula pare bat ere bota duk, eta begiak lausotzen hasi zaizkian heinean gero eta gehiago kostatzen zaik metalezko trastu hori bizkarrean aurrera jarraitzea. Argi aski antzematen duk elizaren goialdea erabat suntsiturik dagoela, eta horri esker apika gero eta ke edo laino gutxiago geratzen da inguruan, hire inguruan. Gero eta garbiago ikusten duk dena, eta negarrak hor, haur negar amaigabe horiek hor obsesio gisa begitartean itsatsiak. Metro batzuetara bulto gris pare bat igarri bezain laster, zutitu eta pauso motz batzuk emanaz inguratu haiz, baita zer ziren ikusi ere. Haur jaioberri bat lurrean bizkarrez erorita negar bizian, eta ondoan bere ama izandakoa seguruena, burua harri kolpe batez erditik irekita, lurrean botata hilik, eta bularra soinekotik at irtenda zeukala. Bular puntan, esne zipriztin ttipi baten aztarna ere ikus zitekeen, ikus hezakeen. Hartu duk haurra, eta hire besoetan ezin kontsolaturik, ama hilaren titira hurbildu dituk paren ezpainak, xurgaketa ero bati ekinaz berehala. —Kapitain jauna, gure komandoko hamarretatik bizirik gelditutako bakarra nauzu. Sarjentua ere bertan behera gelditua duzu seko —koadratuta esan zion soldaduak, besoetan zeraman bultoa zela eta, ezin firme jarri. —Gau erdirako herri osoa gure eskuetan izango dela kalkulatzen dugunez, bihar goizaldera arte deskantsu har dezakek —bota zion bueltan kapitainak begiak mahaitik altxatu gabe. Begiak soldaduarengana zuzendu ahala hizketan jarraitu zitzaion—. Zenbatgarren komandoa zinetela esan duk? —Lehen konpainiako zazpigarrena... —Soldadu horrek! —moztu zion derrepentean kapitainak— zer demontre daramak beso artean? Hori al duk firme egoteko forma? —Bai —saiatu zen erantzuten aurpegiaren keinua aldatu gabe—, horretaz ere hitz egitera etorri natzaizu. Ama ondoan hilda zuela, kalean aurkitutako umea duzu honakoa —esku batez tapakia pixka bat alderatuz haurraren aurpegia utzi zuen begi-bistan—, eta nirekin ekarria duzu laguntza ematerik posible izango dudalakoan. —Ezta pentsatu ere!! Gure zaurituentzat laguntza emateko urri gabiltzak, eta umeengan pentsatzen hasiko al gaituk orain...? Soldaduak kolkoaren kontra estutu zuen haurra, kapitaina isildu eta leiho ondora hurbiltzen zen bitartean. Kristaletik kanpo aldea begiratzen pasatu zituen zenbait segundo, eta ondoren jirabiratu eta tonu samur eta konprentsibo batez hasi zitzaion mintzatzen. —Begira ezak, nik ere seme-alabak zeuzkaat, eta bazekiat zer den haurrenganako sentimendu horiek izatea; beraz ez pentsa bihozgogor bat naizenik, baina gure probisioak dauden egoeran egonik, ezin diagu horrelako kasuekin deus ere egin... —Zein litzateke beraz zure kontseilua; barka, zure agindua...? —tonu kontrariatu batez jaurti zituen hitzak. —Ez zekiat, hori hire eskuetan uzten diat. Herria hutsik zegok, eta orduan ez diat uste inongo familiatan utzi ahal izango duanik. Nahi duana egin ezak, baina haur horretaz libra hadi! Bihar goizeko bederatzietan martxan jartzeko agindua zeukaagu eta ez diat ordurako ume itzalik ere ikusi nahi! —Besterik, nire kapitain hori? —begietan distira txiki batzuk agertzen hasi berriak zitzaizkion. —Bai... —tonua izugarri leunduz—, ahalik eta sufrimendu gutxieneko metodoa erabil ezak... besterik ez, erretira haiteke. Hire bizitzan lehenbiziko aldiz sentitu duk malkoek masailetik isurtzerakoan ematen duten freskotasuna, eta momentu batez sentitu duk hire zentzu guztiak itxiko balitzaizkik bezala, txistu zorrotz bat buruan joka etengabe. Azkenik kalean aurkitu haiz berriro, haurra beso artean, eta eguna iluntzen dagoeneko. Erlojua begiratu duk, eta kalkulua ateraz badakik gutxi gorabehera ordu eta erdi daukaala umea berriz esna dadin arte, etxean noizbait entzun baihuen hiru ordutakoak zirela tarteak, eta elizan bularretik hartu zuenetik hiru orduak osatu arte geratzen zena, ba hori, ordu eta piko. Eritegiko enfermera bat ezagutu huen nonbait handik pasatutako azken aldian, eta harengana joatea erabaki duk ea zer edo zer egiterik duen. Gero eta ezkutuanago daramak haurra, estalki modura erabilitako berokiaz gain ia besapean sartuta daramaala. Subertsioaren aurpegia daramak begietatik zintzilik. Pasilloan sasi-ohe batean etzanda dagoen zauritu bati tentsioa hartzen ari zaio hire enfermera lagun hori, eta momentu horretan sartu haiz hi, bizkarra bultoaren inguruan makurturik. Konplizitateko jestu bat egin diok oso disimulu txarraz, eta berak esku batez adierazitako gela batean sartu haiz hi aurretik, bera atzetik; komun funtzioa egiten zuen nonbait gela hark, halako itxura zeukan behintzat. Eta hik haurraren aurpegia erakusten diok, eta hura aurpegia ere bestearena haurrarena ikusterakoan, eta hik lasai egoteko esan, eta berak harridurazko lehen momentuak igaro ondoren ferekatzen hasi, eta hik detaile guztiak kontatzen dizkiok, eta berak ea zer egin zezakeen, eta hik ba beno handik pixka batera janariarena tokatuko zitzaiola, eta berak ez zeukala ezer egiterik, eta esne apur batekin aski izango litzatekeela, eta berak isilune labur baten ondotik ikusiko zuela ea zer egin zitekeen. Irten duk neska azkenik, eta bertan utzi hau bakarrik, pareten miseria ez begiratzeagatik haurraren aurpegia begiratuz. Minutuak jasangaitz eta gogaikarriak bilakatzen hasi zaizkik, eta zerbait egitekotan besoen jarrera hasi duk aldatzen batetik bestera, urduri eta ezinegon. Azkenik atea berriro zabaltzen sentitu duk. —Beno, uste dut honekin aski izango duela —hik zerbait esan nahi izan duk baina berak ahoa tapatu dik isilarazteko keinua eginaz—, ixo, ez esan ezer, badakizu, nik ez dut zurekin hitz egin eta ez dakit ezer honetaz. Begira —esku artean daraman esne botila txikia erakutsiaz—, hau mangatu dut, baina ezingo dut inoiz gehiago honelakorik egin. Azkeneko biberoiak apurtu zitzaizkigun aspaldi, baina ardo botila hau moldatu dizut... uste dut egoki izango zaiola. Denbora guztian isilik mantendu hau ezer esateko betarik eman gabe, eta konturatu orduko berriro ere bakarrik utzi hau gela horretan bakarrik, haurra beso batean eta bestean botila. Erizain hura besarkatzeko grina sentitu duk muinean, baina ezin izan duk besoak okupaturik. *** Herri erditik pasatzen den ibai ertzean dago eserita soldadu bat, eta badirudi zerbaiten zain dagoela ura nola pasatzen den ikusten eta noizean behin listukada bat boteaz. Ezkerraldean, lurrean, esnez erdi betetako botila ttipitxo bat dauka, eta beso artean ume bat izan daitekeen zerbait. Nerbioso beso artekoari botatzen dizkio begiradak, eta posturaz aldatzen da ia-ia momentu oro. Bat batean magalean daukana negar batean hasten zaio, eta bere barne osoa sastatzen duen zirrara bat sentitzen du soldaduak. Prestu botila hartu, eta buruan daukan plastikozko estalki oihalean tartetik sartu egiten du, negarrak pixkanaka isilarazten direla. Tanta batzuk soilik gelditzen direnean, botila altxatu eta bazter batera darama esku batez, besteaz balantzako mugimendu arin bat eraginez. Sehaska kanta baten antza hartzen duten nota batzuk ere entzuten ari dira gero eta indartsuago, gero eta garbiago. *** Konturatu ere ez haiz egin, eta haurrarengana erorita burua gelditu haiz seko lotan. Kolpe batez esnatu haiz, eta ohiturari jarraituz erlojua begiratu duk ea zer ordu zen, non ote hengoen eta zertan. Berehala jabetu haiz hanka gainean daukaan haurra ikusterakoan. Orduan kalkuluak atera dituk, eta erlojuaren arabera goizeko ordu biak; beraz, eta haurraren lohartzetik bi ordu eta erdi inguru lotan. Hotzak jota, berokia irmoago hertsi egin duk, geroago hatsaren bidez esku puntak berotu nahian. Badakik jakin, gauez hiru ordu baino gehiago pasatzen dituztela haurrek berriro esnatu arte, baina justu-justu zenbat diren ez dakik egia esan, eta horren ziurtasun ezak nolabaiteko sentimendu arraro baten xixta zorrotzak sentitzen dituk sakonean. Oskarbia dago, eta alde batean erotzeko zorian edo, dagoen ilargiak guardiako gauak gogoratu dizkik, fusilarekin hizketan pasatutako gau horiek. Oraingoan, berriz, fusilik gabe baina hats lurrundua darion gorpuzño hori daukak hizketaldian lagun. Halere, badakik ongi aski, eta ezin dituk pentsamenduak hortik urrundu, begi horiek berriro irekiko direla, eta hil ala biziko negar horien bidez janari eske hasiko zaiala esku artean. Eta hi, bestalde, esku hutsik bere ahoratzeko ezer izan gaberik. Inguruko harri bat hartu duk eta bere kontaktu hotzarekin batera estutu egin duk, bigundu nahiez edo, ogi bilakatu hadi, madarikatu zikin hori!, eta ibaiaren erdira jaurti duk korrontearen erdian osin txiki bat sortuz. Azkenean berriro loak hartu hau, eta denbora dezente igaro da berriro esnatu arte. Haurraren negarraldi berriak esnatu hau hain zuzen, eta oraingoan bonbaldien sirenak baino gehiago izutu hau soinu ozen eta agudo horrek. Zer egin jakin gabe geratu haiz, eta mugimendu instintibo batez botila ipini diok berriro ahoeran, baina aldez aurretik bahekien segundo batzuetarako engainua besterik ez zela izango. Eta berriro negarrak, eta inpotentziak eta nerbiosismoak batera ez diate eskuak geldirik edukitzen utzi, eskuak norabait mugitu behar, eta norabiderik gabe hara eta hona zuzenduz. Pixkanaka eta lasaitzeko unerik gabe barneraino sartzen sentitu duk negar horien gezia, eta buruan nahaspilatu zaizkik gauzak oro, umearen aho krispatua, begi malkotsuak, esku dardaratiok, eta burua zerurantz igo duk ostean, inon ez dagoen zerbait bilatu beharrez. Haurraren lantuak zitzaizkian kemen, eta nolabait ez entzutearren zapi guztiak ipini dizkiok aho gainean, aurpegi gainean, eta negarmenak dena den, eta gero eta indartsuago kitatu janzkiok haurraren kontra, haurra indar handiagoz saiatu, baina eskuek indar guztiez momentu batzuk zanpatu eta gero, haurraren seinaleak oro desagertu zaizkik, desagertu dituk. Eta burua jaitsi gabe, eskua sartu duk estalkien artetik filmetan legez betazalak batzearren, eta ustekabean bere gorpuaren hotza sentitu duk behatzen puntan. *** Goizaldeko lehen argi printzekin soldadu guztiak hor abiatu dira bakoitzaren fusila eta munizioak jasotzeko asmoz, bederatzietarako martxan hasi behar omen dute eta. Denek komentatzen dute bezperako erasoa zein gogorra izan zen, uste baino gogorragoa, eta zein suerte txarra zortzigarren komandoarena, bizirik ateratako bakarraren animoak ikusi besterik ez zegoen, erabat lur jota zirudien mutikoak, fusila arrastaka zeraman kasik, eta norbaitek esan ere esan egin zion ea nahi zuen laguntzaren bat, baina berak ezetz, berdin zuela, eta haiei bost axola noski. Han zebilen bera, bakarti, begirada galduta, eta martxaren hasieraren zain. Azkenik martxan jarri da batailoi guztia, eta ibai gaineko zubitik pasatzerakoan denetatik bat urari begira geratu da uneren batez, geroago aurrerantz segituz mekanikoki. Herritik irten baino lehengo, oraindik zutik zirauen etxe bakarrenetako baten atzerantz desbideratu da soldadu bat formazioa atzean utziaz, zortzigarren komandoko superbibientea hain zuzen, eta inor ez da konturatu bere faltaz, tiro baten hotsa entzun den arte. Soldadu batzuk abiatu dira harengana, eta bere buru odolduaren ondoan fusila aurkitu diote. —Gaitz erdi tiro batekin aski izan duela —esan du batek fusilaren kargadorea begiratuz—, munizioaz urri gabiltza... Fusila bizkarrean ipini eta kargadorea poltsikoan sartu ondoren, hor abiatu dira berriro soldaduak, soldaduaren hilotza bertan utziz. 1983ko otsaila Jainkoa lagun —I— Parrokiaren aurrean zegoen plaza zabala zeharkatu aurretik alde batera eta bestera begiratu zuen Anttonik, eta inor ez zegoela agerian ziurtatu bezain pronto, besotik zintzilik zeraman poltsa baten barrua begiztatzeko keinua egin zuen. Beso batekin euskarriak helduz, bestea poltsan barrena sartu zuen, barnean zegoen estatuatxo bat leunki eta samurtasunez laztanduz. — Lasai, ene maite, dena ongi aterako zaigu eta... Berriro poltsa itxi eta behingoz plaza gurutzatu zuen, aurrealdeko espaloiraino ailegatu, eta eliz atariko eskailerak igotzen hasi orduko, taupadak ere azkartzen hasi zitzaizkion. «Lasai, maite, lasai, ikusiko duzu nola dena aterako den ongi, lasai» errepikatzen zion behin eta berriz bere buruari. Ate pisudun hura ez zegoen, alajaina, ongiegi lubrifikatua, hura zarata zabaltzerakoan, baita bere atzetik itxitakoan ere. Arratsaldeko erdiluna atzean utzi zuen jadanik. —II— — Ave María Purísima. — Sin pecado concebida, Anttoni, ongi etorri. aspaldiko —ahotsean ezagutu zuen bera zela. — Bai, arrazoi duzu, aspaldikoa, baina badakizu ongi aski ez dela borondatezko absentzia nirea... — Beno, beno, ongi da, aitzakia gutxiago eta goazen harira, zertara etorri zara hona, bekatari hori? — Begira, ez da propio bekatuak aitortzeko, badakizu nire bizitza guztian behin edo bitan besterik ez dudala horrelako aitorkuntzarik egin, baina egia esan behar badut, nire hogeita hamar urte hauetan lehenbiziko aldiz duda gogor batek eraman nau Jainkoaren beldur izatera. — Esadazu bada, Anttoni, ikusiko dugu... — Ikusiko duzu, Don Juan, zerorrek dakizun bezalaxe, txikitatik oso fededun izan naiz, nahiz eta elizara gutxitan etorri... — Azken hori behintzat egia borobila, bai... — Bai, baina gaur egun ez nago seguru ez ote naizen bekatu handiegi batean erori... Beno, esan dezadan behin betirako —esku batez poltsa barnekoari kariziak ematen zizkion bitartean. — Beldurrik gabe esan ezazu, Anttoni... —bion artean zegoen zurezko saretik gero eta gertuago zegoen Don Juan. — Ba hori, Jainkoaz maitemindurik nagoela, eta ez dakit nire harekiko amodioa ez ote den mingarria izango harentzat... — Nola bada mingarria, Anttoni, hori besterik ez digu eskatzen Jainkoak... — Baina ez da zuk pentsatzen duzuna, Don Juan, gertatzen da nire amodioa benetakoa dela, ez fraternala deituriko horietakoa, bestelakoa baino. Begira... etxean estatua batzuk ditut, tamaina eta forma desberdinetakoak, eta... beno, ez dakit esan ala ez... beno, bai, ba hori... haiekin lizunkeriarik kontaezinenak egiten ditut, senar eta emazteen artekoak, osea... —III— Anttonik ez zuen jarraitzeko ahalmenik izan estatuena esan ondotik. Sutan baino sutanago jarri zitzaion Don Juan, eta desdeluego, hori baldin bazen bere maite kuttunaren bidalia gizakiekin kontaktuan ipintzeko, berarekin bederen jai zuten, ez zegoen prest, roilo paternalista eta moralistak entzuteko. Mila aldiz madarikatu zuen hara joateko erabakia hartu zuen momentua, mila aldiz mila. «Hobe dun hireari jarraitzea, besteei kasurik egin gabe» eta ukabilak errabiaz hesten zituen horretaz pentsatzen zuen bakoitzean. «Gure ama zenak ongi aski erakutsi zigunan anai-arreboi hori dena, apaizak aldarean eta norberaren garbantzuak lapikoan». Etxera heltzerakoan, hozkailuaren gainean utzi zuen estatua, Bihotz Sakratuaren estatua, eta sukaldetik atera baino lehen musu bat bota zuen airean hari zuzenduta. «Oi, zer nolako buruhausteak ematen dizkidazun...», eta atea itxi zuen. Guztiok nahi eta uste baino azkarrago pasatu ziren urteak, eta Anttoni eta Don Juanen arteko iskanbila horren oihartzuna denboran galdua gelditu zen; Don Juanek ez zuen aurrerantzean Anttoniren berririk izan, ezta azken honek bestearena ere. Galdera eta inbestigazio labur batzuen ondorioz, Don Juanek jakin zuen nonbait Anttoni hiriaren beste auzo batera mudatu zela, ez zela inguru hartan bizi dagoeneko, eta gehiago jakiteko grina asetu gabe gelditu bazitzaion ere, handik aurrerako historia guztia bere komenientziarako moldatu zuen eta akabo. Makina bat urte pasatu ziren ia konturatu gabe, egutegiko orriak joan, orriak etorri, eta ohiturak aldatuz joan ziren heinean, baita Don Juanen ideiak eta ohiturak ere eraberrituak suertatu ziren bere feligres guztien begien aurrean. Hilabete mugituen poderioz usadioek eta abarrekoek beste itxura bat hartu zuten beraz, apaiz langileen uhina, konpromiso sozialaren ordua, eta abar, eta abar. Don Juan ere, eta ordurako berrogei urte inguru izan arren, ez zen atzera gelditu eta apaiz eta fraide gazte eta progreen gurdira igo zen azken orduan, egia esan ezin jakin ingurugiroak bultzatuta edo komenientzia propioek eraginda. Zeren eta garai hartan bertan egin baitzuen Don Juanek —Juanito garai hartarako— bere hankarteko tresna tentekorraren deskubrimendua, eta bazegoela gaixotasunetako sukarrez aparte bestelako kalentura ere. Apaiz progre, langile eta liberatua, enfin, gure Don Juan edo Juanito hau. Garai hartakoa ere izan zen Juanito apaizaren bizitzan izugarrizko pisua izango zuen jazoera bat. Herrialde hartako apezpikuak erabakita, inguruko erlikiarik baliotsuena Juanitok errejentatzen zuen parrokiara trasladatua izan zen: Santa Luziaren gorpu ustelgabea. Zeremonia berezia, palioa eta guzti, egin behar izan zuten hura ekarri zuten egunean, meza kontzelebratua, pazkoko zuzia, eta intsentsua jo eta ke. Aldare berezi bat ipini behar izan zuten hain ornamentu bikaina zuen hilkutxa parrokian kokatzeko. Baina gorago esana dagoen bezala, gizaki sexuduna bilakatu zen Juanito, eta hasiera batean onanismoarekin konformatzeko lain ateratzen bazuen ere, momentu batera iritsita kanpaina jotzea ez omen zitzaion aski itxuraz, eta etapa berri baten atarian igarri zuen bere burua egun batean ideia batez erditu zenean. Urtebetea burutua zegoen harrez gero Santa Luziarena bertan zetzala eta bere beatifikazio agirian esaten zenez, birjina omen zen. Juanitoren imajinazio berantiar baina aktiboak ideia hori tinkatu zuen buru erdian eta denbora dezente pasatu zuen burutik ezin kendu. Gau batean, eta tentaldiari ezin kontra egin, Santa Luziaren hilkutxaren estalkia altxatu zuen eta lehen aldiz haren gorputz lirain eta mantxagabea ikusi ahal izan zuen. Egun hartan honela idatzi zuen bere egunkari intimoan: «Konklusio batera iritsi naiz. Garai hartako gizonek arrunt tontoak behar zuten izan horrelako emakume puska birjina uzteko. Tontoak edo inozenteegiak. Bigarren hau ere posible daiteke». Egun hartatik aurrera egunoro egiten zion bisita Juanitok Santa Luziaren aldareari. —V— Egun batean, eta ohizko erritoak eta gero, hor abiatu da Juanito —edo Don Juan, batzuek oraindik deitzen zuten bezala— Santa Luziari gauoroko bisitatxoa egitera, eta egunorokoak ematen duen abileziaz estalkia kentzera doanean, horra hor non ikusten duen kutxa gainean egunkarietako tipo moztuez eginiko nota anonimo bat. Guztiz ikaratuta geratu da notak dioena irakurri duenean: «Santa Luziaren gorpua sekuestratu egin dugu. Kieto kallao oraingoz berri zehatzagorik jaso arte». Dena zegoen zegoenean utziz hara hor hasten dela Juanito belauniko barkamenak eskatzen, ez duela hainbesteko zigorrik merezi, eta abar, eta abar. Eskatzen —edo erregutzen hobe esanda— zuen gauza bakarra jende gehiago ez enteratzea zen, eta hori hala suerta ledin astebete pasatu zuen otoitz etengabean, barautan eta odolaren bidezko mortifikazioak erabiliaz, zilizioak eta guzti. Azken urteetako bekatu guztiak odoldu zituen bertan. Bi aste pasatu ziren berri gehiagorik jaso gabe, eta inor ez zen konturatu, antza zenez, erlikia falta zela. Dena den, Juanito apaiza moskeatzen hasia zen dagoeneko eta horrek gaizki bukatu behar zuela susmatzen zuen nolabait. —VI— — Pentsatzen dut jakingo duzula, Don Juan, zergatik deitu zaitudan nire aurrera agertzeko —esan zuen apezpikuak poliki-poliki ahoskatuz. — Egia esan, ez dut garbi ikusten... berorrek esango du —arrapostu zuen Juanitok ahal neurrian disimulatu nahian. — Irakur ezazu iritsi zaidan nota hau... beno, neronek irakurriko dut bestela. Hala dio: «Don Juan apaizari beste baten bidez adierazi genion bezala Santa Luziaren erlikia sekuestratu genuen aldaretik bertatik, eta hauek dira gure kondizioak bueltan emateko: apaiz dozena bat erail eskarmentu gisa, eliza dozena bat hondatu etsenplu gisa, eta apezpiku jauna larrugorritan agertzea plaza erdian espektakulu barregarri gisa. Bestela, Santa Luzia ez da gehiago birjina izango —Don Juanek honez gero tramite hori bete ez badu behintzat—, eta bere gorpua ultraxatua izanen da. Hilabeteko epea duzue. Epea beteta sententzia eramango da aurrera, baita asuntoa komunikabideetara zabaldu ere. Adio». Eta hori da guztia. — Nire lehen notiziak dira —erabat gorriturik zeukan aurpegia—, ez dakit zer esan... — Dena dela, eta asunto honen detaile txikiena ere kaleratzen bada, errespontsabilitate guztiak zureak izango dituzu, era berean gaztigu guztiak zuregana zuzenduko direlarik... — Ez zituen berorrek hor esaten diren gezurrak sinetsiko noski... — Nik ez dut ezer sinesten Jainkoagan ez bada, hemen ebidentziek bakarrik dute hitza. — Hori ebidentziatzat jotzen badu berorrek... — Ixo! Ez dut hitz gehiagorik entzun nahi. Hau da nire azken hitza —eta kolpe batez zutituz behatzeko eraztuna eskaini zion musuka zezan. —VII— Sakristiako ate guztiak giltzapean ipini zituen goiz hartan, eta hurrengo egunean etorriko zen erretore berriarentzat mahai gainean utzi zituen giltza guztiak. Bere gauza guztiak barnean zituen poltsa hartu eta elizan zehar abiatu zen azken agurra emateko atzeneko pausoak agortzeko prest. Bazter guztiak banan-banan xurgatu zituen begiez, detaile bakoitzean erreparatuz, oroimen bakoitzari jaramon eginez. Mundu eta bizitza oso bat bizkarretik lurrera eroriko balitzaio bezala sentitu zuen. Egunkarietan eta abarretan biztutako eskandaluak horretara bultzatu bazuen ere, halere pentsatzen zuen ezin izango zuela gehiegi iraun postu horretan. Lehenago edo beranduago erretore kargu hura utzi behar zuela. Are gehiago duela denbora dezente utzia behar zuela pentsatzen zuen, eta haraino agoantatu bazuen hainbeste urtetako ohizko lanarekin puskatzeko beldurragatik izan zitekeen. Beno, dena den ongi egina zegoela ikusi zuen, eta azkeneko begirada orokorra bota ondoren, poltsa eskuan estutu eta elizatik ateta zen kanta alai bat txistuaz joka. —VIII— Denborari denbora emanez, hor sartu da Juanito alokatutako pisu batean, eta une honetan lista zahar bat ari da begiratzen. Emakumeekiko grina oraindik ez zaio itzali nonbait, eta izenak, zuzenbideak eta telefono numeroak birbegiratzen ari da ohean etzanda, argi motel baten azpian. Errepaso orokor bat ematen ari zaio zerrendari, eta banaka ikusiz batzuk aukeratu, besteak dudoso eta azkenik beste batzuk erabat bazterrean uzten ditu. Bukatu du dagoeneko zerrendatze lana, eta mesanotxe gainean dagoen telefonoaren aurikularra esku artean hartuta, hoska hasi da hautatutakoen artean ea inorekin zitaren bat lortzen duen. Zaharra izanik —hala ikusten du bere burua behintzat— gauza txiki batekin ere konformatu beharko duela garbi dauka bestalde. Lehenbizikoa Pepita da. Neskazaharra eta behin lantokitik ateratzean ezagutu zuena. Oso roilo azalekoa izan zen, baina tira, deitu dio, eta itxuraz ez dago etxean. Bigarrena, Iñasi, alarguna baina izugarri bizia eta itxurosoa. Desliz txikiren bat ere izan zuen berarekin senarra oraindik bizirik zuela. Deitu dio eta deiaren bidez enteratu da duela urte erdi bat hil zela istripu batean. Aurikularra kolgatzerakoan, ulertu du Juanitok hori ez dela metodoa, eta zerrendan hurrengo guztiak kenduz, posibleen bezala jotzen zuenari deitu dio azkenik, Martari hain zuzen. Kafetxo bat hartzeko gelditu dira iluntzean, baina Martaren tonuari itxura hartu dio kasu handiegirik egin nahi ez ziola edo, baina beno, azkenean iritsi du baten batekin hitz egitera, eta ez da gauza makala hasteko bederen. —IX— — Ez Patxi, ez —poliki baina tonu biziaz hitz egiten zion Juanitok—, ez dut oraindik estabilitate bat aurkitu. Ez dakit zer dudan faltan, baina sotana zintzilikatu nuenetik zerbait falta zaidala sentitzen dut. — Ba zer nahi duzu esatea, badakizu nire teoria zein den, gorputzean zer edo zer gaizki doala sentitzen duzunean ia-ia seguru emakume problema dela; kasu guztien erdia bai gutxienez. — Ba, ba, beti esajeratzen, gauza guztietan ikusten duzu sexua, Freuden semea dirudizu... — Eta dudarik ez izan; nik hasieran ez nuen horrelakoetan sinesten, baina azkenean emakume batekin erlazio estable bat lortu ahala, arazo guztiak konpondu zitzaizkidan. Nire ustez horrelakorik egingo bazenu, askoz hobe ibiliko zinateke. — Ez, Patxi, ez, nire asuntoa bestelakoa duzu. Hainbeste urte apaizgoan sartuta egon ondoren, pentsa ia hogeita bost urte izan direla, orain kristoren hutsunea sentitzen dut... — Zuk kasu egidazu, Juanito, emakume bat bilatu ezazu... — Ez pentsa, bilatu, bilatu dut, baina aurkitzea zailago da; inork ez du zahar batekin harremanetan sartu nahi. — Orduan, badakizu, Juanito, putetara edo bakarkako kontsolamendura... — Ba, ba... tira, tira... —X— Langile auzoetako abantaila handi bat putetxeak bertan egotea da. Hautatzeko aukera ere ematen du batzuetan. Hala dela entzun du behintzat Juanitok, eta auzoan bertan non aurki daitezkeen jakin ondoren, hor abiatu da kaleetan zehar gorputzaren aginduez. Oso puta berezi bat zegoela gremioan esanda entzun zuen inon, eta zehaztasun handiagoak bildu eta gero harengana joatea erabaki zuen. Alde batetik, eta berarekin ibilitako guztiek ziotenez oso joera mistikoak zituelako, eta beste alde batetik, hain arraroa baldin bazen, erridikuluaren arriskua apur bat txikiago zela iruditzen zitzaion. Lehen bider horrelako intentzio bat erabakitzen denean estutasun bat sentitzen da bihotzean, baina dirua poltsikoan sartuta, kalera irten da Juanito, paper batean apuntatutako zuzenbidea bilatuz. 8, 10, 12 eta 14, «hemen da» pentsatu, eta barrura sartu da besterik pentsatu gabe. —XI— Txirrinaren soinua entzun zuenean, ohetik jaiki zen Anttoni, auzoko putarik famatuena, baita bitxiena ere iritzi guztien arabera behintzat. Ateko zulotik begiratu badaezpada polizia zen, eta nor zen ikusi bezain laster saltoka hasi zitzaion arima. — Momentu bat itxoin, berehala irekiko dizut atea —esan zion pixka bat itxoinarazteko. Juanitok minutu erdi bat itxoin zuen ate aurrean, eta etxe barnean soinu desberdin pila sentitu eta gero, atea ireki zen eta azaldu zen emakume nahiko gazte bat, bera baino askoz gazteagoa bederen, solapan gurutze bat bordaturik zeukan bata batez jantzirik, eta detaile xelebre bezala aurpegia mozorro batez estalita. Azken detaile hori ez zion inork kontatu baina berdin zitzaion. Benetan harrigarria iruditu zitzaion Juanitori putaren gela, Anttoniren gela, bere anitz gurutze eta estatuarekin, garizuma garaiko more haiek guztiak, eta abar. Juanitok dirua atera poltsikotik, eta zerbait esaten hasi zen. — Ez, ez, —moztu zion hasierako momentutik— lehen aldiz datozen klienteei debalde egiten diet, eta zu halakoa zara, uste dudanez. Horretaz ere ez zioten ezer esan baina erokada guztiak hura bezain errentableak baldin baziren berak nahiago zituen erotutakoak sanoak baino. — Kondizio bakarra jarriko dizut, larrua joka aritzean, besoak hegalen modura mugitu behar dituzu. Hori izango da nire sari bakarra. Azkeneko hura ez zitzaion batere atsegin gertatu, baina tira, debalde izateko, horretatik ere pasatu behar. Azkenean, biluztu, garbitu eta oheratu ondoren, egitekoari ekin zioten biok, Anttoni azpian ipiniaz eta Juanito goian. Aurrekorik gabe, Juanitok zakila barneratu zion Anttoniri, eta momentu hartan hasi zen azken hau errezoka, goikoa besoak mugitzen zituen bitartean. Nahiko zaila suertatzen ari zitzaion hasiera batean, baina segituan hartu zion trukoa. Halere, ez zuen ezer konprenitzen baina nahiago zuen ezer ez konprenitu. Berak plazeraren bilaketari ekin eta akabo, bost axola gainerako dena. Behekoa gero eta errezo ozenagoak, estasi mistiko batean sartzen hasiko balitz bezala, bazetorkiola sentitzen hasi zen bitartean goikoa. Bat-batean Anttoni hasi zen garrasika: — Azkenean! Azkenean! Jainkoak nire erreguak entzun ditu eta Izpiritu Saindua bidali dit, gure arteko amodioaren lekuko gisa. Jainkoa dago nigan! Ni naiz historiako bigarren Amabirjina! ! Juanitok erretolika harekin hartu zuen sustoaren bitartez, koitoa eten zitzaion, bat-batean azpian zegoena nor zen konturatu zenean. Aurpegia estaltzen zion mozorroa kendu, eta ahoa ezin zabalago zuela, hitz motelka hasi zen. — Anttoni... baina zer... — Don Juan, Don Juan, zu ere toki hauetatik... Azkenean ardi guztiak itzultzen dira Aitaren artaldera. Bat-batean lotsatu egin zen Don Juan, edo Juanito, edo dena den, eta hasierako kortea pasatu ondoren hitz egitera ausartu zen. — Orduan, Izpiritu Sainduarena txantxetan izango zen jakina... —XII— Istorio honek bukaera desberdinak izan ditzake. Bata Juanito Anttoniren txulo bezala gelditu zela elkarrekin biziz. Bestea Juanitok irabazitako diruaz Anttoni hain ofizio makurretik libratu eta berarekin ezkondu zela. Hirugarrena, eta hau fidagarriena, berriro separatu zirela eta ez zirela beste inoiz berriro elkartu. 1985 Bi ordu luzetako istorio iragarria Ezin zuen ideia hura burutik kendu. Ibaiaren albotik paseatzeak normalean lasaitu ohi bazuen ere, orduko hark ez zion batere baretasunik ekarri. Kaioek elkarri begiratuak gurutzatzen zizkioten bata bestearen aldamenetik arrapaladan igarotakoan. Usoen maiteminezko urruek ere halako bete-itxura bat ematen zioten huts-hutsik zegoen karrikari. Bere burua engainatzen ari zela pentsatzen zuen Martak eta «zazpi eta erdiak» erantzun zion ordua galdegin zion agure bati. Engainatzea ez, esan dezagun ispilua gero eta gehiago ari zitzaiola lurruntzen. Hamar bat minutu pasatu zituen barandilan apoiaturik ur menditxoei begira eta derrepentean esku artean zeukan nobelaren zati bat leitzeko premia sentitu zuen. Urrutitik norbaitek gezi bat disparatu balio bezala eta pixkanaka bereganantz hurbilduz zihoakiola sentituko balu bezalako antzeko inpresio batek gainerako zituen bere kopetako zimur apenas ikusgarriak. Gezia azkarregi zetorren baina ezin zuen haren nondik norakoa antzeman. Ihes egiteko beharra. Ihes egin edo zatitxo bat irakurri. Bezperan irakurritako zatitxo bat gogora ekartzen saiatu zen eta kasik hitz pare bat murmuratzera besterik ez zen ailegatu. «Tanta bat aski da..., tanta bat aski da...» eta deskuiduan poltsiko barruko eskua gogor estutu zuen zigarro paketea bitan tolestuz. Salto bat eman zuen esaldi guztia gogoratzerakoan. «Tanta bat aski da bertan behera itota geratzeko... zeren, zeren...» tua irentsi zuen kolpe siku batez, «euri eta elur guztiek nekez lortu dezakete gaueko mozkorraldi batek hain erraz lortzen duena». Gezia lepo ondo ondotik pasatu izan balitzaio bezala sentitu zuen oraingoan, eta ondoren lasaitasun urduri batek larrutu zion bihotza. Kafe gehiegi edandako gauak ekarri zizkion oroimenera egoera hark, askotan zepelinduz bakarrik irtenbideratu zitekeen gakoa. Deskantsatu ezinezko nekea, gorputza hauts eginda eta burua ezin geldiaraziz. Ia bitan puskaturik zegoen zigarro bat atera zuen poltsikotik eta piztu gabe uretara bota zuen errekan pausatu arte begiradarekin segitu zuelarik. Bat-batean buelta eman zuen eta berari fijo begira ari zitzaion atso bat topatu zuen aurrez aurre. Lotsa ematen al dio bere zakurra hala ikustea?, burrunbatu zuen Martak, arbola baten atzean kaka egiten ari zen zakurñoari erreparatuz. «Edota ingurukoek ikus dezaten» bota zuen ia ahoskatu gabe eta pentsamenduen tonua ere jaitsiz. Edadearekin azala kolorez bajatzen omen doa, izan zen bere hurrengo pentsamendua, horrexegatik agian atsoen aurpegiak ez dute kolore mutaziorik sumatzen. Burua atzera eta aurrera higitzera mugatzen zen, koilarearen sokatik ia nabarmendu gabe tira egiten zuen bitartean. Ez zuen atea gehiegi jirarazi tabernan sartzeko. Musikaren ozentasunak, bestalde, ia atzera bueltatzera behartu zuen. Ke grisa izkinetan pilatzen zen eta haragoko bazter batean itsu bat boletoak saldu nahian zebilen. Bizpahiru pauso ematea aski zekiokeen Martari barraraino heltzearren baina mahai pare bat eskibatzeak luzarazi zion errekorridoa. Martari ez zion grazia handiegirik egin kamareroak kanela botatzeko zeukan jarrera. Narrasegia, egur bernizatuzko paretak dituen kafetegi dotore hartarako. Halere, dagoeneko kopa eskuartean eduki zuenean problema guztiak bukatu zitzaizkion. Kanelaren usain jolastiak bakea erakarri zion kareak paretak zuritzen dituen erraztasun berdinaz. Harez gero, mozkorraren lanbrotan sartzeko desioz zegoela pentsatu zuen; desioz baino, kondiziotan. Paperezko serbilleta bat hartu zuen eta soinu arrastari bat egiten zuen lapitza batez zirriborroak egiten hasi zen. «Marta Bitoria, unibertsitateko irakaslea» pentsatu zuen, arnasa zela kausa edalontziaren beira lurruntzen zuen bitartean. Esaldi labur batzuk eskribitu zituen serbilletatxoan: «Hona hemen, eta ez beste inon, Marta Bitoriaren benetako historia». Etxerako bueltaz ohartu ere ez zen egin. Senarra esnatu zen, hori bai, eta tiroka esnatutakoaren aurpegiz begiratzen zuen emazte heldu berria. Arropak kentzen laguntzen zion une berean belarrira emeki-emeki esaten zion: — Baina Marta, zuk ez duzu sekula negarrik egiten. Beno, esto... hobe esanda, ez zaitut sekula ikusi... Zotin ebaki batek ezpainetan errabi keinu bat zintzilikatu zion baina indar gabeziak bizkarrak erortzen uztea besterik ez zion ametitzen. «Nonbaitetik irten behar edandako guztia» pentsatu zuen eta guztiz harritua gelditu zen zeukan argitasun mentalagatik. — Kendu tapakiak gainetik; beroak nago. Joxe Luisek agerian utzi zuen Martaren gorputz biluzia. Belauniko jarri zen ohe ondoko alfonbratxoan eta emaztea nahiko gertu zeukala profitatuz burua haren sabel gainean apoiatu zuen. Mesanotxean zegoen pospolo-kaxa hartu eta banan-banan pospoloak bizten eta itzaltzen hasi zen, Martaren ahotsak moztu zion arte: — Joxe Luis... — Zer? — Sekula ez zaitut fregatzen ikusi. — Nola? — Ongi entzun duzu, sekula ez zaitudala fregatzen ikusi. — Eta? — Gustatuko litzaidake... Isilune luzexka bat hedatu zen bazterrotan eta tarte horretan guztian Martak begiak zabalik zeuzkan, tetxuari begira tinko. Joxe Luisek bestearen aurpegira gerturatu zuen berea eta alkohol hatsa nabarmenago egin zitzaion momentu hartantxe. Martak bereganantz jiratu zuen burua: — Faborez, Joxe Luis... —esan zion Martak senarrak inoiz entzun zuen tonu maitekorrenetako batez. Joxe Luis jaiki eta albornoza jantzita logelatik irten zen, sukaldera bitartean batere argirik biztu gabe. Sukaldeko argia piztu zuenean konturatzen hasi zen bere egoeraren etereotasunaz. Erdibidearen tragediaz, filosofo greziarrak liokeen gisaz. Bere aurreko fregaderan astebeteko ontziteria zeukan fregatzeke eta aldi berean ere egia borobila zen Martarekin bizi zenetik ez zuela sekula santan fregatu. Baina, aitzitik, emaztea ez zegoen han, bere aldamenean, ohean baizik, eta horrek despistatzen zuen apurtxo bat Joxe Luis. Zer zen Martak nahi zuena? Fregatzen ikusi ala uraren txorrota entzutea besterik ez. Korapilo hari bueltaka ekin zion ontziteria garbitzeari. Sukaldetik bueltan, Marta lotan seko kausitu zuen Joxe Luisek. Eskuak lotu balizkiote legez sentitu zen. Bularren inguruak musukatzen hasi zitzaion eta larruazala hotza zegoela antzeman zuen. Izaraz estali zuen haren gorputza eta besarkada estu batean intzirika hasi zen gizona, negar egin ezinean. — Zergatik, zergatik? —zioen baxu-baxu, begiak abiada bizian itxi eta zabaltzen zituela. Hura zen Joxe Luisek bere emaztea mozkortuta ikusten zuen lehen aldia, eta haren atzetik beste zer edo zer egongo zela susmo penatsutan igaro zituen loak hartu baino lehenagoko bi ordu luzeak. 1986ko azaroa Etorkizunik ez da Konturatu gabe, filosofo bihurtu naiz. Nire berrogeita lau urterekin, atso zaharregi bat bezala sentitzen dut neure burua. Bizitza osoa telefono dei baten zain pasatu duenaren modura, etorkizunak dagoeneko ez du axolarik niretzat. «Bizitzan edertasuna ez dun dena, neska», hainbestetan errepikatu zidaten gaztetan, eta ez hori bakarrik, hainbat eta hainbat oroitzapen. Presentea pasatuan bezala bizituz gero, apokaliptikoa baino ezin du izan pertsonak, eta halaxe gertatzen zait niri. Gaztaroa milienarismoan eta zahartzaroa apokalipsiaren esperoan. Seguru aski, hasieratik presentea futuroan bizitzen ikasi banu, ez nintzateke hain zaharra kausituko, atso gaztexeagoa izanen... Baina tira, orain behingoz zenbait gauza argi samar ikusten ditut, eta agian horregatik bihurtu naiz filosofo. Nola pentsatuko nuen, bada, hogeita sei urte haietan sentitutakoak hainbeste urte zipriztin zitzakeenik? Mikel ez zen morroi erakargarria, defentsa guztiak kolpetik deuseztatzen dizkizuten horietakoa. Ustekabeak edo, harrapatu ninduen. Behin, «zure amodioa diruz erosiko dut» esan zidan, sustraitik atera zitzaidan ostiko ikaragarri bat jo nion, eta biharamunean berarekin oheratu nintzen, diruz pagatzen ez uzteagatik bere begizkotik libre geratuko nintzela ustean. Hortik aurrera, neure burua film baten gidoian partaide sentitu nuen, film bat bestearen ondotik, hurrengo eszenetan zer gertatuko zen ez-jakinean baina aurresentituz. Inoiz sentitu dudan amodiorik haragikoiena bilakatu zen. — Badakizu zein den niretzat gure arteko misteriorik handiena? —galdetu zidan erlazio hura arriskutsua lekidakeela erabaki baino lehenagoko gau batez; erantzuna segituan bota zuen:— zure erreakzioez ez dudala inoiz dudarik egiten. Beti dakit zein momentutan abandonatuko zaren, eta zeinetan zoroen moduan konbultsionatuko zaren. Askotan, begiraden bidez eskatzen didazuna bete besterik ez dudala egiten iruditzen zait. Handik urte batzuetara konprenitu nuen aurreko egun hartan zer adierazi nahi izan zidan. Neuk ere neure burua bere keinuetan islaturik ikustera heldu nintzen. Bulegoko atetik sartzen zen bakoitzean, berehala igartzen nion larrua jo nahi zuenetz, eta desiotan nahiz desio-faltatan beti ere bat etortzen ginen. Erregaliaren bat ekartzen zidanean, horixe baino ez nuela desio iruditzen zitzaidan ondoren. Sentsazio guztion bilgune izan zen momentu horretantxe konturatu nintzen arriskugarria izan lekidakeela Mikel, inola ere kontrola ez nezakeen munstro gero eta ikaragarriago hura. Aurresentimenez gidatzen ginen biok, gutako bakoitza bere aldetik nahiz biok batera. Aurresentimenekiko konfiantzak itsuturik bizi ginen, baina jabetu ezean. Joxean, nire nobio eternala, ez zen inoiz guztiz ohitu tarteka nigan nabaritzen zituen samurtasun ez-logiko horietara, lekutik kanpoko lainezara gerturatzen ziren desio urrundu haietara, Mikelekiko amodio hartara hitz batez. Baina ezinbestez bere tripetako borondate on bortxatu guztiaz baliatu zen ustezko neure bitxikeria haiek jasan ahal izateko, bakarrik patuak bizitza osorako oparitutako nobio batek jasan dezakeen moduan (zein ironikoak eta maltzurrak diren denboraren distantziak asmarazten dizkidan metaforak! ). Uda batez, gurasoen herrian familiaz inguraturik eta maitalerik gabe pasatu nituen oporraldi luze batzuetan, aspaldiko partez, neure barruak astintzeko eta neure burua arakatzeko parada eduki nuen: Baserrietako animaliekin asko ibili nintzen, filmik ez zen herri hartan eta liburu mordoa irakurri nuen. Erretiroaren azken aurreko gauean, haur bat edukitzeko irrika sentitu nuen, eta baita erabakia hartu ere. Joxean oso pozik agertu zen nire asmoarekin, eta aitatasunaren aldetikako ahalegin guztiak eskaintzeko prest agertu zen. Mikelen erreakzioa apur bat estrainioagoa izan zen. Oporren ondoko lehen zitan azaldu nion umea egiteko asmoa, oniritzizko lez interpretatu nuen irribarrea zabaldu zuen eta ez zuen hartan komentariorik egin. Hala ere, bestaldetik, egun hartan lehendabiziko aldiz ez nuen neure burua berean islaturik ikusi, aurresentimenak huts egin zidan. Erregaliaren bat ekarriko zidala espero nuen, eta ez zidan ekarri. Amatasun desiratuaren zoramenak ez ninduen momentuaren tragediaz ohartzen utzi. Hortik aurrera gure erlazioa hoztuz joan zen, eta sabeleko biribila nabarmenki handituz hasi zitzaidanerako elkar ikusteari utzi egin genion. Handik aurrera ez nintzen inoiz nire aurresentimenez fidatu. *** Gaur hamabost urte, haurtxo negarti bat ekarri zidaten besoetara, xehetasun guztiez gogoratzen dut, klinikako gela zabal-zabal baina jendez betetako hartan. «Neska bat da», esan zidan infirmierak neu nentzan ohera hurbilduz. Poza gainezka sentitzen nuen bularrean eta buruan. Sabelpeko oinazeak sentimenduetan urrun sentitzen nituen. Bost minutu pasatu ez zirela, lore sorta bat ekarri zidaten, nota batekin: «hamahiru arrosa gorri hauek zuretzat, eta musu fresko bat Anerentzat». Dudarik ez zegoen Mikelek bidaliak zirela, idaztankera berea zen. Baina nola demontre zekien neskato jaioberriaren izena Ane izango zela? Nola jakin zezakeen Joxeanek bezperan erabaki bazuen neska izatekotan Ane izango zela? Horrek ez zuen inporta. Oso sentimen arraroak jo ninduen, loreak alboan utzi eta atentzioa berriro haurrarengana zuzendu nuenean. Bere egoera berean egoteko desioa sentitu nuen, ama-alaben paperak trukatzeko gogoa... baina tira, inportanteena berriz ere Mikelen berri banuela zen, eta beso arteko neskatoak mugaraino eramaten zuen neure zoriontasuna. Hilabeteak pasatu ziren, eta hasiera batean pentsatu nuenaren kontra, ez nuen Mikelen berri gehiagorik izan. Ane haziz joan zen eta bereganako sentimendu harrigarri haiek modu desberdinez identifikatuz joan nintzen. Jaioberrian ama-alaben paperak aldatzeko grina bezala ikusi nuena, inbidia bezala identifikatzera heldu nintzen garai batez, jatorririk eta arrazoirik gabeko inbidia zorionez ezkutagarria. Larritasunez sentitzen nuen bekaizkeria hori, bakardadea erraietan barreiatzen zitzaidan neurrian, areago erre egiten ninduen. Sarritan, neure burua jeloskor sentitu izan dut, fieroski jeloskor, nondik norakorik gabeko jelosiak jota. Alabaren aldamenean pasatu ditudan hamabost urte hauek ez dira gozoak izan neuretzat, eta ez dut uste Anek ere larregi maite nauenik, zenbaitetan nekez suportatzen dugu elkarren konpainia. Azkeneko uda hau urruti pasatu du, eguzkipeko udaleku urrun batean. Gaur arratsaldean itzuli da etxera, eta antezedenterik gabeko sintzeratze batean, enamoratu egin dela aitortu dit. Argazkiak erakutsi dizkit, eta ahotsari alaitasun zeharo gorrotagarri bat zeriola, honela esan dit: — Begira, ama, horixe duzu nirekin enamoratu den mutila. Beno mutila, nahiko edadetua da, udalekuko etxean zaindari gisa egiten du lan. Aneren behatzak Mikelen irribarre goxo eta nahastezina erakusten zidan. Segundo laurden batez, gauza asko argitu zaizkit zorigaiztoko amildegi batean jausten nintzen bitartean. Noski jeloskor nintzela, Ane besotan lehen aldiz edukita arrosa gorri haiek jaso nituenetik. Mikelekiko aurresentimenei kasurik ez egitea erabaki nuen une hartantxe galbidea sinatu nuen neure bururako. Aneren eskutik argazkia ikusi dudanetik oraintxe arte pasatu diren ordu supersoniko hauetan, eromenaren ertzean sentitu dut neure burua. Ene jainkoa, gizon hori ez da nire alabarentzat modukoa, pentsatu dut, gaur eguneko neskatilak diren bezalakoak izanda, seguru Anek Mikelen zakilaren tamainari baino ez diola erreparatuko. Zuzenbiderik ez zela ere pentsatu izan dut, eta tarteka Mikelen zakila nire aluaren presiopean imajinatu dut, bustidura kolpekatuan, plazerak itota. Eromenetik salbatua topatu uste naizenean, izugarri zahartua sentitzearekin batera, eta konturatu gabe, filosofatzen aurkitu dut neure burua, film baten protagonista izatera berriz inoiz iritsiko ez den atso filosofo hutsal bat bezala. Aurresentimenik gabe, ez dago presentea futuroz bizitzerik, apokaliptikoa izaterik baino ez dago. Argi eta garbi ikusten dut: Mikelekiko aurresentimenetan ez sinestera eraman ninduen hutsegite hura (opor luze haien ondoko lehen zitan) ez zen halako hutsegiterik izan, seguru nago erregalia ekarri egin zidala eta poltsikoan zeukala, baina ez zidan eman. 1987ko apirila Nerbioi ibaian galdu zen gorpua 1936ko azaroa Amak behin esana zion abioi horiek ez zirela aldeko, «begira, ama, ze abioi politak!», «Horiek ez ditun gutarrak, Euzkadik ez din abioirik», Jexuxak alabaren ezpainak estali zituen poltsikoetatik azkar ateratako eskuez. Biharamunean goizetik, zeru argitsua puztuz zihoala, amaren hitzak hedatu zitzaizkion bekokiaren barruko mintzean Iñaxiri. «Hamahiru urteko neskatoa ardo bila bidaltzea ere» pentsatu zuen Ledesma kaleko dendari makuludun hark, baina Iñaxik lehentxeago pozik asko luzatua zion besoa amari eta ardo-garrafoiarekin batera duroa hartu ere. Auzokoen lagunari egin zion dei, eta Ana Mari eta biak elkarrekin abiatu ziren Ercilla kalean barrena, garrafoiaren euskarri banatik helduta. Iñaxiren familia pasaiatarra zen jatorriz, baina bi arrazoi nagusi izan zituzten Pasaia utzi eta Bergaran barrena Bilbora helbideratzeko: batetik; aita Campsa-ko txoferra zen eta beti erretagoardiatik frentera ibili ohi zen pausa gabe; baina bestela ere —eta hau liteke arrazoi indartsuena— Irungoa bertan behera joan eta biharamunean lehergailu batek su bihurtu zuen pasaiatar etxe ondoko ukuilua, familiaren sostengu ziren zerramak istantean kiskaliz. Aitaren Campsa-ko soldata behar bezala baliatzeko Bilbora joan behar. Arrazionamendu-txartelak ez zituzten sekula faltan eduki baina. Ohizkoaz gain, Campsa-koa eta Solidarioena ere jasotzeak berebiziko altxorra bilakatu zituen etxeko armairuak. Baita almohadak ere. Sei senidetako familia hartan dozena bat almohada eta kuxin irinaz eta babarrunez beteak ziren, eta etxekoandreari ere kasik inoiz ez zitzaion gaueko ohantzean senarra falta. Haatik, guztiak kezkatsu eta zorion gabe, bezperan lehenengoz entzun ziren hegazkin haien burrunbak aztoratuta. Ledesmako bodegatik bueltan zetozen neskato biak, garrafoia balantza arinez, eta ia arineketan. Ama harrikoa egiten utzia zuen etxean, eta hark bukatu baino lehen zuen ardoa itzultzeko agindua. Berriz ere motorren zaratots urruna etorri zitzaien airetik, eta jendea inoiz ez bezala teilatu aldera erreparaka hasi zen. Etxea urrun zuten oraindik eta alboko etxe batetik emakume bat hasi zitzaien leihotik orroka, sartzeko ezkaratzean, eztanda dezente gertu batzuk entzun zituztenean. Ikarak inmobilizaturik espaloiaren alboan, kalean bertan lehergailu andana jausi zen. Iñaxik uste zuen hiri handi horretan horietatik salbu zela baina bistan zegoen ezetz. Ondoko etxe bateko paretak lurrera abaildu ziren, eta hauts keztatua trinkotzen ari zen supituki. Ana Marik bizkarretik heldu zion eta ezkaratz barrura bultzatu, gotorlekurik ez zuen hiri ikasi gabeko hartan. Kaletik barrualdera egindako saltoan, espartinetako bat kalean geratu zitzaion, soka luzea askatua. Iñaxi ziztu batean irten zen berriro eskuinetik hankutsik, une horretan bertan aurrez aurreko etxea leherketa erraldoi batek jo zuela. Ez zeukan ezer ere ikusterik eta ahal bezala itzuli zen laguna zegoen babesleku eskasera. Haiekin batera babestua zegoen gizona maldizioka hasi zen, sotoetan ere babesa aurkitzerik ez zegoelako ahopeka marmarka. Abioiak urrundu zirenean, galdutako alpargata ez zegoen kalean, eta erdi hankutsik bueltatu behar izan zuen etxera. Kanpaiak beranduegi hasi ziren joka egun hartan, Bilboko lehen bonbaketako egun hartan, eta hurrenetik aurrera hasiko ziren sirenotsak abisu ematen jendeari. 1937ko apirila Hantxe aurrean ikusten nituen berriz ere arerioen hegazkinak. Ez nuen ulertzen nondik deabru atera zuen Iñaxitak guk hegazkinik ez genuela esamesa katramila hori. Ez genuen ba izango! Mundakatik behera nentorren arratsalde hartan Gernikarantz, goiza Bermeo inguruetan egin nuela, baina lehenagoko mendixka batean gelditu nintzen, hegazkinek Gernika inguruan botatzen hasi ziren lehergailuek kamioiaren hotsa ere mututu baitzuten. Ahal bezala errepidetik atera nuen nire zisterna-kamioi zaharra, baserri baten ondoan utzi, eta bailaran zehar luzatu nituen begiak, gerra labur baina hondoratzaile hartan behin ere ikusi ez nuen bezalako bonbaketa haren aurrean. Kea beltzegi zen Gernika gainean, eta suteen dirdira beroek eduki geldiarazlea zemaioten hiri gaineko masa beltzari. Bertan galdu nuen nire kamioia, etsaien ekintzak uste baino gehiago iraun baitzuten. Gure inguruetara ere iritsi ziren kaza batzuk, eta haietako batek gogor heldu zion neureari, gasoilaren leherketak ondoko baserria ere pikutara eraman zuelarik. Bonbaketa bukatu ondoren orduak oro, eguna ilundu arte, jendeei kontsolamendua emanez pasatu nuen, hain zen handia errepideetan gora eta behera noraezean zebiltzanen kopurua. Gernikara hurreratu nintzen azkenik, eta sua oraindik itzali gabe zegoen. Han ez zegoen zer eginik, eta ni kamioirik gabe geratu. Nola demontre bururatu zaio nire alaba buruarin horri hegazkinena? Noski guk ere baditugula, nabaritu ez arren. Sobietikoak ziren, gainera, baina gutxi nonbait. Gutxitxo aukeran. Errusia handiago balitz... 1937ko ekaina Iñaxi ferian dabil, eta amaren enkarguz abiatu da oraingoan ere Atxuri aldameneko azokara. Artxandako aldatsetan gudariak gogor ari dira eta egun gutxi barru dena hutsa izango dela komentatzen da, Bilboko defentsak ez duela luze iraungo. Aita preso hartu zutenetik, Iñaxi eta bere familia La Rochelle-ra eramango dituen baporearen zain daude, Artazako ikatz-ontzietako bat izango ei da, hauetako egunen batean. Hirian honez gero guztiak eztandetara ohituta daude, eta zer esanik ez hegazkinen zaratetara. Guztiak faxistei buruz mintzo dira, arrain-postuetakoak zein barazkitakoak gerrari buruzko zurrumurru biltokiak bilakatu dira, moroen basakeriaz, faxisten ongi-etorriaz eta abar, baina jendetza bazkaritara joateko ordu erdi eskas falta denean Ibaizabaletik behera hegazkin batzuen oihartzuna gorpuztuz doa apurka-apurka. Elkarrizketak eten egin dira. Ikusi ere egin daitezke jada, sirenek gogor jotzen dute, eta emakume guztiak aterpe bila ari diren bitartean haietako bat vivaka hasi zaie pilotu ustez gertuei, Españaren goratzarrez besoa tinko zerurantz. Keinu ausarta lirudike, plazaren erdi-erdian irribarre zabalez mehatxu hegalariari ongi-etorria eginez. Ematen du paraxutistak jausi daitezen desiotan dagoela. Hegazkinak pasatu egin dira alabaina, eta propaganda baino ez dute jaurti, gerora ere itzuliko direla gogoraraziz. Egun gutxi falta omen dira derrota osorako. Ondotik Iñaxik ikusi duena patuaren ezinbestea baino gehiago izan da. Bera, hamalau urteetako lotsa eta beldurrak harrapaturik, ez da bere gotorlekutik irteten eta handik ari da besteen portaera segitzen. Minutu bi pasatu baino lehen, abiadoreei aupaka aritu zaien emakumea preso da sututako beste feriakideen artean, «traidorea» eta «Gora Euzkadi» ojuka batzuk, gogorkeria eskuetan gehienak. Dozenaka inguratu eta xixatuz ari zaizkio pausa gabe. Ez da beste minutu pare bat ere gehiago behar izan. Ukabilaz, balantza-burdinaz, arrain-kaxaz, lehertu egin dute azkenerako emakume faxistazalea. Iñaxi ez da iritsi zerraldoa lehen momentuan ikustera, saiatu arren, herio keinu haren itzala gustagarria izango zitzaiola pentsatu duen arren. Emakume batzuk baztertu, eta arrastaka nola zeramaten ikusi du azkenik, apenas odol putzurik gabe baina akiturik. Hamar bat metroz garraiatu dute fardelen antzera eta bultzada batez Nerbioi ibaira bota. Inork ez dio begiratzen ondra gabeko gorpu hark ibaiko korrontearekin bat ari duen nabigazio geldo eta pisuari. Desagertu da azkenik. Iñaxik, etxerako bueltan, Artxandako aldatsetara begiratzen du, preso den aitarengan eta laster bera urrunera eramango duen barku ilun hartan pentsatzen. 1987ko uztaila Pinpilipauxa betiko Emakume biak sukalde leihoko burdinetatik begira zeuden; ondoko patioan obratan ari ziren langileei begira. Porlana bota eta bota ari zireneko patio hura gizonezkoena zen, baina hobetze lanengatik hilabeteaz itxita gorde beharra aldarrikatua zuten presondegiko juntakoek. Zuzendaritzakoek ate pisu eta erdi herdoilduan ipinitako oharrari («Patio honek giltzapeturik iraungo du aste batzuetan»), baten batek boligrafoz beste zerbait gehitua zion: «txapatua dagoena ez da patioa, neure burua baizik». Karmeni eta Maiteri, hantxe, labean pizza zurtz eta soil batzuk barneratzen zituzten bitartean, ezinezkoa zitzaien jakitea ea paperean idatzitako hari buruzkoa benetakoa zen ala ez, kondaira hutsa izatea zitekeena baitzen, baina mojetako batek halaxe zela kontatu zien bezperan. «Tira, Karmen, ez egon leihotik hainbeste denboraz begira, pioiak ez ditun Robert Redford eta!». Eguzkiak gogor jotzen zuen patioan, eta langile batzuen kamisetak bera-bera zeuden bezala, besteotakoen larruazal beztuan izerdia argi-erreflexu urrunak bilakatzen zen. Pioi bat hormigoigailu txiki batetik ur mangera kendu eta palakada harea botatzen hasia zen. Kapataza, elastikoaren tiranteek tripari ezin eutsiz, gerizpean zegoen, erdipurdiko freskotasunean egunkari atzeratua irakurtzen... kapelaren hegalak aurpegi erdia estaltzen zion. Ez ziren Karmenen begiak, baina, guzti hori ikusten ari zirenak. — Galdera bat egin nahi nizun aspalditik, Maite, baina ausartzea ere... —joanda bezala, Karmenek leihoko bost burdina lodietan tinkatzen zituen begiak harez gero ere—. Begira neska, gizonezkoen artean norma da, baina uler ezazu, orain arte ez genuen hemen tatuajedun emakumerik ikusi... — Zer? — Tatuajea... pinpilipauxa tiki hori mazela gibelean —begiak beti ere leihotik, Karmenek. — Badakin, Karmen, garai batean lotsa hartuko niken istorio hau kontatuz —Maitek poza hartu zuen Karmen berari begira zegoela konturatu zenean—, hik ba al dakin, Karmen, zer den gizon bat egiazki maitatzea? —eta nola Karmenek ezetz esan zion, ez zekiela hori zer zen, luze jotzeko asmoz ekin Maitek kontakizunari. *** Eta nola bost urte lehenago bere anaiak lagun bat presentatu zion. «Intelektual bat... argazkiak ateratzen zitinan, musika ikasketak ere eginak omen zeuzkanan». Eta nola berari ere —Maite gaxteari— erretratu asko eginak zizkion aste gutxitan. Gehien maite izan zuena, ispiluan biok zeuden hura. Baina amodioaren eta bizitzaren aldean, erretratuak erliebe eskasekoak izaki, krudeltasuna faltan. Eta nola ere Maitek ez zuen sekula pentsatu hogei urterekin mutil bat beretzat soilik nahi zukeenik, beste inorenganako keinu edo imintziorik ez permititzera heldu zatekeenik. Eta nola horretara heldu zen denborarekin, eta nola azkenik erretratuak aski ez izaten ere hasi ziren. «Une gozoak ere izan zitunan, ez pentsa. Hik ba al dakin zer den gizon batekin gogotik ongi pasatzea? Inork ez liken sufritzeagatik ezer iraunaraziko...». Denbora luzez segitu zuen zoramen hark... hilabeteak, baliteke bi urte, agian bost, nork daki. Asteak mantso eta azkar pasatzen ziren. Amak erakutsia zion txikitatik horrela neurtu behar zela bestearenganako amodioa. Asteak, soilik mantso edo soilik azkar pasatzen hasten direnean, heldu gogor edo aldentzen utzi, amodiorik behintzat ez baita tartean. Halaxe esaten zion Maiteri ama zenak. Eta Maitek, denbora zenbatzen hasi zeneko garai hartan, ez zuen laguna aldentzen utzi. Burges familiako alaba izateko —edo agian horrexegatik— erreparo gutxi eduki ohi zuen Maitek larru kontuetan. Seme-alabarik egiteko gogorik, bestalde, inoiz ez zuen sentitu; inoiz ez, egun hartara arte. «Hik ba al dakin zer den umea egin nahi izatea baina ez edonorena, hirea den gizonarena baizik, harena edo ezer ez?». Abenduaren 2a izan zen, beste ezer ez zuen gogoan Maitek egun hartaz, kalendrera orria gordea zuen inon. Orduan deliberatu zuen pilularik ez hartzea aurrerantzean, bestearekin fitsik kontsultatu gabe. Hurrengo zortzi hilabeteetan asko eta asko zenbatu zuen Maitek, bizitza osoan zenbatu ez zuena zortzi hilabete eta bost egun luze eta amaiezin haietan egin zuen. Esperoan egotea eta desesperoan jaustearen muga zorrotzean, hamabost aldiz egin zuen ernaltze froga botiketan, hamahiru kilo eta erdi galdu zituen, hogeita bat bider lantokian huts egin zuen aitzakia merkez, eta inoiz baino gehiagotan joan zen mutilarekin zinemara, zehazki hirutan. Zortzi hilabete eta bost egun haiek pasatu zirenean, abuztuaren 7an, Maitek aurre egin zion bere mutil jada tenteldu eta gutxituari, berak bazekiela haurdun ez geratzea ez zela bere kausaz, eta ea zer mila deabru. Bestearen aurpegia ikustearekin, ez zuen aurrera jo nahi izan neskak. «Hik ba al dakin zer den hanka sartu dunala konturatzea eta atzera jo ezin izatea?». Gaizki hartu zuen mutikoak Maitek asmoak ez kontatua, xedea denbora luzez isilpean gordetzea. «Hara, neska —esan zion lasaitu ondoren—, nik ongi aski nekien nigandik halakorik ez zegoela lortzerik. Berdin dit zergatia ez ulertzea... nahi baduzu umea bezala bizitza osorako zenukeen oparia proposatzen dizut, biona —pausa luzexka bat eta serio keinua mutilaren begietan—, neure hazia zugan ernaldua». Horrela sortu zen tatuajea egiteko ideia. Poema bat egin zion mutil-lagun intelektualak, Maitek belarri aurrealdean tatuatuko zuen tximeleta nanoa loriatuz, «elkarrenganako amodioaren ikurra, betirako sinboloa betiereko elkartze baterako, inongo komentuko atetan abandona ezin litekeen alabatxoa...». Tatuajea egin eta hurrengo egunean utzi zuen mutilak Maite, betiko, tatuajea berri hura bezalaxe, betiko. Poema ere libururen batetik kopiatua zuela esan zion, despedidaz. «Hik ba al dakin zer den umiliatua sentitzea, iraindua, bizitzen segitzeak ez duela piperrik merezi pentsatzea?». Baina istorioa ez zuen Maitek hor amaitu nahi izan. Eta kontatu zuen nola momentuko egunak zenbatzetik iragandakoak zenbatzera pasatu zen. «Tatuajea estaliko zuen orrazkera baten bila ibili nindunan denbora luzaz, badakin, ez mantso ez azkar pasatzen ez den denboraldi horietako batean, kartzela honetara sartu ninduten arte». Eta nola kartzelara sarrarazi baino apur bat lehenago ere tatuajeaz harro sentitzen hasi zen, nola harrotasun hori kartzela zikin harengatik ez zen. «Ba dakin zergatik? Pinpilipauxa hau, betirakoa den odol-izpi hau, egun batez desiratu nuen ume madarikatu haren gaitz erdi delako». *** Maitek berriz ere leihoan zehar behatzen zuen, patioan gertatzen zenari erreparatu gabe. Pioiak bazkaltzera joanak ziren, eta galeria batzuetako leiho-burdinetan jesarririk zeuden presoek patio desertuari begiratzen zioten, bereziki bertan utzitako pala, piko eta kristalezko botila litrokoei, urrea baino gehiago balio zuten beira abandonatu haiei. Karmenek bazuen beste galdera bat Maiteri aspalditik egin nahi ziona, ea zeren kausaz zegoen kartzelan alegia, baina ez galdetzea hobe zela juzkatu zuen. Grazia hartu zion gainera Maitek zer erantzungo zion imajinatzeari: «Hik ba al dakin zer den maite dunan gizona hil behar izatea?».
1 - Hil zen gizona 2 - Esneketariak bidaiatzeari ekiten dio 3 - Tabernari literarioaren abentura 4 - Hautagai erradikalaren abentura 5 - Bide-langile betaurrekodunaren abentura 6 - Arkeologo burusoilaren abentura 7 - Errekako arrantzalea 8 - Harri Beltzaren etorrera 9 - Hogeita hemeretzi mailak 10 - Talde anitz kostaldean elkartzen dira Hitzatzea http://www.booktegi.eus/ Ilustrazioak: Daniel Oppenheimer daniel.oppenheimer.ruiz@gmail.com Itzulpena: Aritz Branton aritz@11itzulpen.eus Lagunek laguntzen gaituzte, laguntzen digute… Amelia Perez, Garazi Arteagoitia, Inazio Mujika, Amaia Lasheras, Ainhoa Sanz López de Heredia. 1 - Hil zen gizona Maiatzeko arratsalde hartan, hirurak aldera, bizitzaz nazkatuta itzuli nintzen Londresko Citytik. Arbasoen herrialdean hiru hilabete neramatzan eta kokoteraino nengoen. Urtebete lehenago norbaitek horrela sentituko nintzela esan izan balit, barre egingo niokeen; orain, ordea, horrela zen. Eguraldiak gaizki sentiarazten ninduen eta britainiar arrunten elkarrizketek nazka ematen zidaten. Ezin nuen kirol nahikorik egin eta Londresko dibertsioak eguzkitan egon den freskagarri bat bezain ahulak iruditzen zitzaizkidan. “Richard Hannay, adiskide —esaten nion neure buruari behin eta berriro—, bide okerrean sartu haiz, eta hobe duk hortik ateratzea”. Lehenengo urteetan Bulawayon egin nituen planak gogoratzen nituenean, hozka egiten nien ezpainei. Dirutza biltzea lortu nuen —ez zen dirutza handia, baina niretzat aski zen—, eta ondo pasatzeko modu asko pentsatuta neuzkan. Sei urte nituela, aitak Eskoziatik eraman ninduen, eta, geroztik, ez nintzen inoiz etxera itzuli. Beraz, niretzat, Erresuma Batua Mila gau eta bat gehiago ipuinetan agertzen diren lekuen modukoa zen, eta nire bizitza han pasatu nahi nuen. Hala ere, hasiera-hasieratik etsipena izan zen niretzat. Astebete igaro baino lehen, monumentuak ikusteaz nekatuta nengoen, eta hilabetea igaro aurretik, jatetxeez, antzerkiez eta zaldi-lasterketez ere bai. Ez nuen benetako lagunik, eta, seguruenik, horixe zen nire egoeraren arrazoia. Pertsona askok etxera gonbidatzen ninduten; baina ez zuten niregan interes handirik, antza. Hegoafrikaren gaineko galdera bat edo bi botatzen zizkidaten, eta, gero, beren aferekin jarraitzen zuten. Dama inperialista askok tea hartzera gonbidatzen ninduten, Zeelanda Berriko irakasleak eta Vancouverreko editoreak aurkezteko asmoz, eta hori zen denetan gauzarik etsigarriena. Hor nengoen ni, hogeita hamazazpi urterekin, sasoi onean, ondo pasatzeko diru nahikoarekin, eta, halere, egun osoan ahozabalka nenbilen. Alde egiteko eta Veldeko zelaietara itzultzeko erabakia ia hartuta neukan, Erresuma Batuko gizonik aspertuena nintzen eta. Arratsaldea inbertsioei buruz hitz egiten pasatu nuen artekariekin, batez ere neure burua entretenitu nahian, eta etxerako bidean, klub batera sartu nintzen; ez zen klub oso dotorea, eta kolonietako bazkideak ere onartzen zituen. Konbinatu bat hartu eta iluntzeko egunkariak irakurri nituen. Ekialde Hurbileko gatazken informazioz beteta zeuden, eta artikulu bat Karolides Greziako presidenteari buruzkoa zen. Gizonak jatorra zirudien, nire iritziz. Iturri guztien arabera, afera hartan garrantzi handiko gizon bakarra zen; eta, horrez gain, zintzo jokatzen zuen —eta ezin zitekeen besteei buruz horrenbeste esan—. Ulertu nuenez, Berlinen eta Vienan gorroto handia zioten; baina gu haren aldekoak ginen, eta horrela jarraitzeko asmoa geneukan. Egunkari baten iritziz, Karolides zen Europaren eta hondamendiaren artean zegoen babes bakarra. Gogoratzen dut pentsatu nuela herrialde horietan lana lortzerik ba ote zegoen. Bururatu zitzaidan Albania gizon bati aspertzeko astirik uzten ez dioten leku horietako bat izan zitekeela. Seiak aldera, etxera joan nintzen, arropak aldatu, Café Royalen afaldu eta, gero, antzoki batean sartu nintzen musika-emanaldi bat entzutera. Emanaldi ergela zen —emakumeek memeloarena egiten, gizonek tximino aurpegia zeukaten— eta ez nintzen luzaroan geratu. Gaua ederra eta argia zen eta oinez joan nintzen Portland Placetik hurbil alokatua nuen apartamentura. Nire inguruan jendetza zebilen espaloietan, giro bizian eta hizketan, eta inbidia nion egitekoren bat zuen jende horri. Dendari, bulegari, dandy eta polizia horiek interesen bat zeukaten bizitzan, eta interes horri esker eusten zioten bizitzari. Nik, aldiz, txanpon batzuk eman nizkion eskale bati, ahozabalka ikusi nuelako: nire sufrimendu bera pairatzen zuen. Oxford Circusen udaberriko zeruari begiratu, eta hauxe hitzeman nuen: beste egun bat emango nion arbasoen herrialdeari niri zerbait eskaintzeko; ezer gertatzen ez bazen, Esperantza Oneko lurmuturrera zihoan lehen itsasontzian alde egingo nuen. Langham Place atzean zegoen nire apartamentua. Eraikina berria zen eta apartamentua lehenengo solairuan zegoen. Eskailera komunala zuen, eta, atarian, atezaina eta igogailuzaina zeuden. Etxean mirabeak bizitzea gorroto dut eta, hortaz, egunez gizon bat etortzen zen nire gauzak txukuntzera. Goizero etortzen zen, zortziak baino lehen, eta, arratsaldeetan, zazpietan alde egiten zuen etxean inoiz afaltzen ez nuelako. Giltza etxeko atean sartu bezain laster konturatu nintzen gizon bat nuela alboan. Ez nuen gizona hurbiltzen ikusi, eta bat-batean agertu izanak ezustekoa eman zidan. Gizon argala zen, bizar gorri motzekoa, eta begiak txikiak, urdinak eta zorrotzak zeuzkan. Banekien azkeneko solairuan bizi zela, eta eskaileretan egun on esaten genion elkarri. —Zurekin hitz egin dezaket? —erregutu zidan—. Minutu batez sar naiteke? Ahotsa baretzeko ahaleginetan zebilen eta besoan atzaparka egiten zidan eskuarekin. Atea ireki eta sartzeko keinua egin nion. Atea igaro bezain azkar, atzeko gelaraino joan zen korrika: han egiten nuen erre eta gutunak idatzi. Jarraian, ziztu bizian itzuli zen niregana. —Atea giltzaz itxita al dago? —galdetu zidan urduri, eta katea berak lotu zuen. —Ikaragarri sentitzen dut —esan zidan apaltasunez—. Badakit atrebentzia handia dela, baina gizon ulerkorraren itxura duzu. Aste honetan, gauzak korapilatzen ari zirela, eta zuregan pentsatu dut. Aizu, mesede bat egingo al didazu? —Entzun egingo dizut —erantzun nion—. Hori baino ezin dizut agindu. Gizon urduri eta txiki horren portaera bitxiaz kezkatzen hasia nintzen. Edari-erretilu bat zegoen haren ondoan, mahai baten gainean, eta whiski eta soda edalontzi bat prestatu zuen. Hiru zurrutadatan edan, edalontzia erretiluaren gainean utzi, eta kristala kraskatu zuen. —Barkatu —esan zidan—. Urduri samar nago. Kontua da momentu honetan hilda nagoela. Besaulki batean eseri nintzen eta pipa piztu nuen. —Nolakoa da sentsazioa? —itaundu nion. Ziur samar nengoen ero batekin ari nintzela. Haren aurpegi nekatuan irribarre azkarra agertu zen. —Ez nago erotuta, oraindik ez. Hara, zuri begira egon naiz egun hauetan, eta uste dut ez zarela erraz urduritzen. Gizon zintzoa zara, ez zaitu arriskuak beldurtzen. Dena kontatuko dizut. Laguntza behar dut, beste inork sekula behar izan duena baino gehiago, jakin nahi dut eta lagunduko ote didazun. —Jarraitu istorioa kontatzen —esan nion—, eta erantzuna emango dizut. Bazirudien bere burua ahalegin handia egiteko prestatzen ari zela, eta jarraian oso astakeria bitxia hasi zitzaidan kontatzen. Hasieran ez nuen harrapatzen eta eten behar izaten nion galderak egiteko. Hona hemen mamia: Amerikarra zen, Kentuckykoa, eta unibertsitatean ikasi ondoren, dirua soberan zuenez, mundua ezagutzera irten zen. Denboraldi batean idazle aritu zen, Chicagoko egunkari baterako guda-berriemaile, eta urtebete edo bi eman zituen hego-ekialdeko Europan. Iruditu zitzaidan hizkuntzalari bikaina zela eta hango gizartea ondo ezagutzea lortu zuela. Egunkarietan ikusita nituen zenbait pertsonaz ondo ezagutuko balitu bezala hitz egin zidan. Politikagintzan parte hartu zuela kontatu zidan, hasieran berezko interesagatik eta, gero, ezin ziolako jakin-minari eutsi. Gizon zorrotza eta urduria iruditu zitzaidan, eta, ziur aski, arazoen muineraino beti iritsi nahi izaten zuen horietakoa. Nahi baino urrunago joana zen, ordea. Kontatu zidana nik ulertu bezain ondo azalduko dizuet. Aldaketa handiak gertatzen ari ziren pertsona oso arriskutsuek diseinatuta eta gobernu eta armada guztien bizkarrean. Hori kasualitatez jakin zuen. Jakin-minak liluratuta joan zen eta harrapatu egin zuten. Ulertu nuenez, gatazkaren barruan zeuden pertsona gehienak anarkista iraultzaileak ziren; baina, horiez gain, bazeuden diruagatik jokatzen ari ziren finantzariak ere. Gizon bizkor batek etekin handiak atera ditzake erortzen ari den merkatu batetik, eta bi talde horiei Europa hankaz gora jartzea komeni zitzaien. Kontatu zizkidan gauza bitxi batzuek lehendik harrituta utzi ninduten kontu asko azaltzen zituzten, Balkanetako Gerran gertatutako gauzak, alegia: nola estatu batek tupustean beste estatuak menderatu zituen; aliantzak zergatik egin eta desegin ziren; zergatik zenbait gizon desagertu ziren; gudaren funtsa nondik zetorren. Azpijoko osoaren helburua Errusia eta Alemania elkarren etsai bihurtzea zen. Horren arrazoia galdetu nionean, azaldu zidan anarkistek hala uste zutela, horrek emango ziela itxaroten ari ziren aukera. Den-dena nahaspila bihurtuko zen, eta espero zuten horretatik mundu berri bat ateratzea. Kapitalistek txanponak esku-beteka bildu eta, hondamendia erosita, dirutza egingo zuten. Kapitalak ez zuen, gizonak esan zuenez, ez kontzientziarik ez aberririk. Gainera, juduak zeuden gauza guztien atzean, eta juduek Errusia infernua baino gehiago gorroto zuten. —Eta horrek harritzen zaitu? —garrasi egin zuen—. Hirurehun urtean zehar jazarri egin dituzte, eta hau pogromen ordaina da. Juduak leku guztietan daude; baina topatu nahi baditugu, klandestinitatean sartu behar dugu. Pentsa dezagun edozein negozio alemaniar handitan. Harremanetan jartzen garenean, gure lehenengo kontaktua Von und zu zerbait printzea izango da, gizon gaztea eta dotorea, ingelesez ondo baino hobeto hitz egiten duena. Gizon horrek ez du eraginik, ordea. Gure afera handia baldin bada, atzealdera eramango gaituzte eta hor Westfaliako gizon bat aurkituko dugu, kokots handia, bekoki hondoratua eta txerri baten portaera dituena. Hori da Ingalaterrako egunkariak urduri jartzen dituen enpresario alemaniarra. Baina gure lana maila are handiagokoa baldin bada, eta benetako nagusiarekin tratatu behar badugu, litekeena da nagusia aurpegi zuriko judu txikia izatea, kriskitin-suge baten begiak dituena eta gurpil-aulki batean eserita dagoena. Bai, jauna, horixe da gaur egun mundua gobernatzen duena, eta Tsarren inperioan labana sartu nahi du, izeba bortxatu eta aita jipoitu zituztelako Volga ondoan dagoen herrixka triste batean. Gogorarazi behar izan nion nonbait judu-anarkistak atzera samar geratu zirela. —Bai eta ez —erantzun zidan—. Neurri batean haiek ere irabazi zuten; baina dirua baino handiagoa den gauza batekin egin zuten topo, erostezina den gauza batekin: gizakien borrokarako sena. Hil behar bagaituzte, bandera eta herrialde bat asmatzen ditugu horien alde borrokatzeko; eta, bizirik ateratzen bagara, berriz, horiek maitatzen jarraituko dugu. Soldadu txepel horiek zer maitatu aurkitu zuten, eta horrek Berlinen eta Vienan egindako plan fina oztopatu du. Baina nire lagunek oraindik ez dute azkeneko karta jokatu, ezta gutxiago ere. Amarrua dute mahukan gordeta, eta, nik hilabete honetan bizirik iraun ezean, erabili egingo dute, baita irabazi ere. —Baina uste nuen zu hilik zeundela —moztu nion. —Mors janua vitæ —esan zidan, irribarre eginez. Ezagutzen nuen aipu hori: latin askoz gehiagorik ez nekien—. Horretarako bidean nago; baina, abiatu baino lehen, gauza asko jakinarazi behar dizkizut. Egunkariak irakurtzen badituzu, jakingo duzu Constantine Karolides nor den. Tente jarri nintzen, arratsalde horretan bertan gizon horren gainean zerbait irakurria bainuen. —Horrek apurtu ditu haien azpijoko guztiak. Istorio honetan guztian buru argia duen bakarra da, eta, kasualitatez, gizon zintzoa ere bada. Horregatik, jomuga izan da azken urte honetan. Hori guztia jakin dut, eta jakitea ez da zaila izan, edozein kaikuk asmatuko zukeen eta. Baina nik nola harrapatuko duten jakin dut, eta jakintza horrek heriotza-arriskua dakar. Eta, horregatik, zendu egin behar izan dut. Beste trago bat hartu nahi zuen eta neuk prestatu nion, gizontxoa gero eta interesgarriagoa iruditzen baitzitzaidan. —Ezin dute bere herrialdean harrapatu, Epiroko bizkartzain errukigabea baitu. Hala eta guztiz ere, ekainaren hamabostean hiri honetara etorriko da. Kanpo Arazoetako Ministerio britainiarrak nazioarteko bilera informalak antolatzeari ekin dio eta data horretan egingo da bilerarik handiena. Karolides gonbidaturik garrantzitsuena da eta, nire lagunek nahi dutena lortzen badute, ez da inoiz miresten duten aberkideengana itzuliko. —Hori, behintzat, erraza da —ihardetsi nion—. Planen berri eman diezaiokezu, eta, horrela, ez da etxetik irtengo. —Eta haien jokoari mesede egin horrela? —galdetu zidan zorrotz—. Etortzen ez bada, haiek irabaziko dute, korapiloa aska dezakeen gizon bakarra da eta. Greziako Gobernuak jakingo balu, Karolides ez litzateke etorriko, berak ez dakielako ekainaren hamabostean zer egongo den jokoan. —Eta Gobernu britainiarra? —itaundu nion—. Ez dio inori gonbidatuak erailtzen utziko. Zerbait aipatzen badiozu, neurri bereziak hartuko ditu. —Ez litzateke nahikoa izango. Zuen hiria detektibe sekretuz bete lezake, baita polizia-agenteak bikoiztu ere; baina, hala ere, Constantine gizon kondenatua izango litzateke. Nire lagunak ez dira joko hau musu-truk jokatzen ari. Gertaera handi bat nahi dute beren planari hasiera emateko eta Europa osoa gertaera horri begira egon dadin. Karolides austriar batek erailko du, eta ebidentziek agerian utziko dute Berlingo eta Vienako handi-mandiak horrekin ados daudela. Dena gezur madarikatua izango da, noski, baina, munduaren begietan, kontu iluna izango da. Ez naiz tontakeriarik esaten ari. Infernuko azpijoko honen xehetasun guztiak jakin ditut, eta borgiarren ondoren, inork ez du inoiz hain joko maltzurrik eta finik aurrera eraman. Baina ez dute planik burutuko baldin eta aferaren gorabehera guztiak ezagutzen dituen gizon bat, ekainaren hamabostean bizirik eta hemen, Londresen, badago. Gizon hori ni nauzu, jauna: Franklin P. Scudder. Pixkanaka-pixkanaka gizon txiki hori atsegina gertatu zitzaidan. Ahoa animalientzako tranpa balitz bezala itxi zuen, eta begi sarkor horietan borrokarako grina antzematen zitzaion. Ipuin bat kontatzen ari bazen, oso ondo zekien antzezten. —Nola jakin duzu hori dena? —galdetu nion. —Lehenengo datuak Tirolen, Achensee aintziraren ondoan dagoen taberna batean jaso nituen. Horrek informazio gehiago biltzera bultzatu ninduen. Arrasto gehiago lortu nituen Budako galiziarren auzoan, Vienako bidaiari-elkarte batean eta Leipzigen, Racknitzstrassetik gertu dagoen liburu-denda txiki batean. Duela hamar egun, frogak erabat osatu nituen Parisen. Ezin dizkizut orain xehetasun guztiak kontatu, istorio luzea delako. Datuak erabat ziurtatu nituenean, iruditu zitzaidan desagertu egin behar nuela; hortaz, hiri honetara oso zirkuitu bitxi batetik etorri nintzen. Paristik, frantziar-amerikar dandy gazte alde egin nuen; Hanburgon, diamante-merkatari judu itsasoratu nintzen. Norvegian, Ibsen ikasten ari zen ingeles bat izan nintzen, eskoletarako informazioa eskuratzen ari zena; eta Bergenetik atera nintzenean, berriz, eskiatzeari buruzko filmak egiten zituen zuzendari bat. Leithetik hona, paper-orearen gaineko proposamenak ekarri nituen, Londresko egunkariei eskaintzeko. Atzo arte, nire bidea ondo ezkutatu nuela uste nuen, eta horrekin pozik nengoen. Eta gero… Bazirudien oroipenak asaldatu zuela, eta, zurrutada batean, whiski gehiago irentsi zuen. —Horren ondoren, eraikin honetatik kanpo, kalean, gizon bat ikusi nuen. Egun osoa neure gelan itxita igarotzen nuen, eta ilundu ondoren ateratzen nintzen ordu pare batez. Gizona nire leihotik zaintzen nuen, eta uste nuen ezagutzen nuela… Egun batean, eraikinean sartu zen, eta atezainarekin hitz egin zuen… Bart, ibilalditxoa egitetik itzuli naizenean, txartel bat aurkitu dut neure postontzian. Munduan gutxien ikusi nahi dudan gizonaren izena zeukan idatzita. Uste dut haren begiradak eta aurpegian zuen izuak behingoz eraman nindutela zintzo ari zela sinestera. Ahotsa zorroztu nuen pixka bat, horren ostean zer egin zuen galdetu nionean. —Konturatu nintzen sardina-lata batean bezain harrapatuta nengoela eta aterabide bat besterik ez zegoela. Hil behar nuen. Nire jazarleek hilda nengoela uste bazuten, berriro lasaituko ziren. —Eta hori nola lortzen da? —Nire gauzak zaintzen dituen gizonari gaizki sentitzen nintzela adierazi nion, eta oso gaixo dagoenaren plantak egin nituen. Ez zen zaila izan, mozorrotzeko trebetasun handia daukat eta. Segidan, gorpu bat eskuratu nuen (Londresen beti dago hilotz bat lortzea, nora jo jakinez gero). Kutxa batean sartu nuen, eta lau gurpileko gurdi baten gainean ekarri nuen. Gelara igotzeko, lagundu behar izan zidaten. Kontua da frogak metatu behar nituela ikerketarako. Oheratu nintzen, nire mirabeari eskatu nion lo egiteko botika bat prestatzeko eta alde egiteko gero. Medikuari deitu nahi zion, baina birao batzuk bota, eta esan nion medikuak ezin nituela begien aurrean ikusi. Bakarrik utzi ninduenean, gorpua mozorrotzen hasi nintzen. Nire tamainakoa zen, eta, itxura denez, alkoholak hildakoa, beraz, botila batzuk jarri nituen han eta hemen apartamentuan. Bion itxuraren arteko aldeen ahulgunea masailezurra zen, eta, horregatik, errebolber batekin suntsitu nion. Segur aski bihar norbaitek tiro bat entzun zuela zin egingo du, baina nire solairuan ez dago inor, eta, hortaz, pentsatu nuen arriskua har nezakeela. Gorpua ohe gainean utzi nuen, nire pijama jantzita. Errebolber bat haren ondoan, dena anabasa handian. Gero, larrialdietarako prest neukan traje bat jantzi nuen. Aztarnarik ez uzteko, ez nintzen bizarra egitera ausartu; kalera ateratzeak ez zuen zentzurik izango, dena den. Egun osoan izan zaitut buruan: iruditzen zitzaidan ez nuela besterik, zuregana hurbiltzea eta zure laguntza eskatzea. Leihotik begira egon naiz, etxera iristen ikusi zaitudan arte, eta, gero, eskaileretan arin jaitsi naiz zure bila… Hori duzu dena, jauna, eta orain afera honen gainean zuk nik bezainbeste dakizu. Hontz bat bezala geratu zen, begiak klisk eginez, urduritasunak jota; baina, aldi berean, betebeharra egiteko asmo handiarekin. Ordurako nahiko ziur nuen egia esaten ari zela. Oso kontakizun eroa zen; baina egiazkoak zirela frogatu nituen kontu sinesgaitz asko entzunda neuzkan, eta, erabakiak hartzeko, istorioari baino gizonari begiratzen nion. Nire apartamentuan sartu eta lepoa mozteko asmoa baldin bazuen, kontakizun arruntago bat kontatuko zidakeen. —Eman zure giltza —eskatu nion—, eta gorpuari begirada bat ematera joango naiz. Barkatu zuhurtasunez jokatzen badut, baina zure istorioa apur bat egiaztatu nahi nuke. Ezezkoa egin zidan buruarekin, triste. —Banekien eskatuko zenidala, baina ez daukat soinean. Mesanotxe gainean dago, nire katean. Hor utzi behar izan nuen: ezin nuen susmoak sor zitzakeen aztarnarik utzi. Segika dudan jendea oso argia da. Gaur, nire hitza onartu beharko duzu; bihar, gorpuari buruzko frogak izango dituzu, ez izan zalantzarik. Momentu batez hausnartzen gelditu nintzen. —Ondo da. Gaurkoz zutaz fidatuko naiz. Gela honetan giltzapetuko zaitut eta giltza gordeko dut. Gauza bat, Scudder jauna. Uste dut gizon zintzoa zarela; baina, horrela ez bada, jakin ezazu armekin ondo moldatzen naizela. —Jakina —esan zidan, eta arin zutitu zen—. Oraindik ez dakit zure izena zein den, baina utzi esaten zintzotasun handiz jokatzen ari zarela. Bizarra egiteko labana bat utziko didazu, mesedez? Logelara eraman, eta bakarrik utzi nuen. Ordu erdi geroago, ia ezagutzen ez nuen gizon bat itzuli zen. Begi sarkor haiek baino ez zituen antzekoak. Bizarra egina zuen, ilea erdian artesia eginda orraztuta, eta bekainak txukunduta. Gainera, armadan irakatsi zioten erara mugitzen zen; Indian luze egona zen ofizial britainiar baten eredua zen, gainera, azal beltzaran eta guzti. Monokulo bat ere bazuen, eta begian jarri zuen. Ahoskeran ez zitzaion batere igartzen amerikarra zenik. —Arraioa! Scudder jauna… —esan nion totelka. —Scudder jauna ez —zuzendu zidan—, Theophilus Digby kapitaina, Gurkhen 40. erregimentukoa: baimen-egun batzuk etxean ematen ari naiz. Jauna, ez ahaztu hori, mesedez. Egongelan prestatu nion ohea, eta nire ohera joan nintzen ni, aurreko hilabetean zehar baino alaiago. Gauzak gertatzen ziren noizean behin, baita Jainkoak ahaztutako metropoli honetan ere. Hurrengo goizean esnatu nintzenean, Paddock —nire zerbitzaria— izugarrizko iskanbila egiten ari zen egongelako ate ondoan. Paddocki bere garaian mesede bat egin nion Selakwen, eta Ingalaterrara iritsi bezain laster, mirabe hartu nuen. Hizketan, hipopotamo bat bezain trebea zen, eta ez zen oso zerbitzari ona; baina banekien haren leialtasuna apurtezina zela. —Ez zalapartarik atera, Paddock —oihu egin nion—. Nire lagun bat, zera, hau da… —ezin nuen izena gogoratu—, lotara geratu da. Prestatu biontzako gosaria eta etorri gero, zurekin hitz egin behar dut eta. Paddocki istorio eder bat kontatu nion: nire lagun hori oso garrantzitsua zela, eta, lanez gainezka ibilia zelako, urduritasunak jota zegoela, eta bakea eta atsedena behar zituela. Noski, inork ezin zuen jakin gurekin zegoenik; bestela, Indiako Ministerioak eta Lehen Ministroak bidalitako mezuz josiko gintuztela, eta lagunaren atsedena suntsitu. Aitortu behar dut gosaltzera etorri zenean Scudderrek oso ondo jokatu zuela. Paddocki monokuloz begiratu zion, ofizial britainiar baten moduan; Boerren Gerraz galdetu zion, eta niri alegiazko lagun batzuei buruzko berriak eman zizkidan. Paddock ez zen gai niri “jauna” deitzeko, baina Scudderri “jauna” esaten zion hil edo biziko kontua izango balitz bezala. Scudder egunkariekin eta zigarro kutxa batekin utzi nuen eta ni Cityra joan nintzen bazkaltzeko ordura arte. Itzuli nintzenean, igogailuzainak aurpegi larria zuen. —Kontu beltza izan dugu, ba, gaur hemen, jauna. 15. zenbakiko gizonak bere buruaz beste egin du arma batekin. Oraintxe bertan eraman dute ehorztetxera. Orain, polizia dago hor. 15. zenbakira igo nintzen, eta hantxe zeuden polizia pare bat eta inspektore bat azterketarekin lanpetuta. Galdera txoro batzuk egin nizkien eta berehala alde egiteko agindu zidaten. Segidan, Scudderren zerbitzariarekin egin nuen topo, eta hari ere galderak egin nizkion; baina argi zegoen ez zuela susmorik batere. Gizon kexatia zen, jainkojale aurpegia zuen, baina txanpon txiki batek kontsolatu zuen, neurri handi batean. Hurrengo egunean, heriotzaren ikerketara joan nintzen. Argitaletxe bateko bazkide batek froga garbiak eman zituen hildakoak paper-oreari buruzko proposamen batzuk ekarri zizkiola erakusteko, eta azaldu zuen enpresa amerikar baten ordezkaria zela, bere ustez. Epaimahaiak bere buruaz beste egin zuela ebatzi zuen, hildakoak burua nahasia zuela, eta haren gauzak —gutxi ziren— Estatu Batuetako kontsulari entregatu zizkioten. Scudderri aferaren xehetasun guztiak kontatu nizkion, horretan interes handia zuen eta. Esan zidan gustura egon izango zela ikerketan, nork bere eskela irakurtzea bezain morbosoa izango zelako. Atzeko gela hartan nirekin eman zituen bi egunetan oso lasai egon zen. Pixka bat irakurri zuen, erre ere bai. Gauza asko idatzi zituen liburuxka batean, eta gauero xakean jokatzen genuen: horretan, jipoitu egiten ninduen. Uste dut haren urduritasuna gutxitzen ari zela, aurreko egoera estu samarra izan zen eta. Hala eta guztiz ere, hirugarren egunean argi zegoen egonezina itzultzen ari zitzaiola. Ekainaren hamabostera arteko egunekin zerrenda prestatu zuen. Arkatz gorri batekin egun bakoitza seinalatu zuen eta oharrak gehitu zituen takigrafiaz. Hausnarketa sakonean aurkitzen nuen, begi zorrotzak urrunera begira eta, meditazio horien ondoren, lur jota geratzen zen. Egun hartan ikusi nuen urduri jartzen ari zela berriro. Zarata txikiei adi egoten zen, eta Paddock fidatzeko modukoa ote zen behin eta berriro galdetzen zidan. Aldarte txarrez jarri zen pare bat aldiz eta gero barkamena eskatu zidan. Ez nuen gaizki hartu. Ez nion asko eskatzen, lan zail samarra hartua zuelako bere gain. Ez zuen bere segurtasunak kezkatzen, prestatuta zeukan planak baizik, arrakastatsu izango ote zen. Gizon txikia bai baina sendoa zen, une bigunik gabekoa. Gau batean, oso serio jarri zen. —Entzun, Hannay —esan zidan—. Uste dut afera hau sakonago azaldu behar dizudala. Ezingo nuke eraman ni desagertzea, borrokan jarraitzeko prest legokeen beste inor atzean utzi gabe. Eta ordura arte era lausoan baino kontatu ez zizkidan xehetasunak azaldu zituen. Ez nion arreta handirik eman. Egia esan, nazioarteko politika-kontuak baino gehiago interesatzen zitzaizkidan gizon haren abenturak. Uste nuen Karolidesen eta gizon horren arteko aferak ez zirela nire egitekoa. Horiek Scudderren kontuak ziren, eta berari utzi nizkion. Horrela, bada, kontatu zizkidan gauza asko ez zitzaizkidan buruan geratu. Gogoratzen dut azaldu zidala Karolides Londresera iritsitakoan hasiko zela arriskuan egoten, eta arriskua goiko mailetatik etorriko zela: inork susmagarritzat hartuko ez zituen goi-mailetatik. Emakume baten izena aipatu zuen: Julia Czecheny, hark egoerarekin zerikusia baitzuen. Ulertu nuen Karolides bizkartzainen babesetik ateratzeko amua izango zela. Harri Beltz bati buruz hitz egin zidan, baita zizi-zaza mintzo zen gizon bati buruz ere. Horrez gain, beste gizon baten deskribapen zehatza egin zidan: zaharra zen arren, ahots gaztea zuen, eta begiak belatz batek bezala ezkuta zitzakeen. Gizon hori aipatzen zuen bakoitzean, dar-dar egiten zuen Scudderrek. Heriotzaren gainean ere asko hitz egin zidan. Scudderrentzat, lana betetzea hil edo biziko kontua zen, baina bere bizitza ez zitzaion axola. —Nik uste, oso nekatuta gaudenean lokartzearen modukoa dela heriotza, eta, esnatzen garenean, udako egun ederra ikusiko dugu, belar-usaina leihotik sartzen delarik. Blue-Grass eskualdean nengoela, Jainkoari eskerrak ematen nizkion halako goizengatik, eta, ziur aski, hil ondoren ere eskertuko diot. Hurrengo egunean, askoz alaiago zegoen, eta ordu asko eman zituen Stonewall Jacksonen biografia irakurtzen. Etxetik atera nintzen meatze-ingeniari batekin afaltzera eta negozioei buruz hitz egitera. Hamar eta erdiak aldera etxeratu nintzen, gure xake-jokoa egiteko garaiz oheratu baino lehen. Gogoratzen dut zigarro bat ahoan nuela ireki nuela egongelako atea. Argiak itzalita zeuden, eta hori arraroa iruditu zitzaidan. Pentsatu nuen beharbada Scudder ohean zegoela dagoeneko. Etengailua sakatu nuen, baina han ez zegoen inor. Hurrena, urruneneko bazterrean ikusi nuenak zigarroa lurrera botarazi zidan eta izerdi hotzean utzi ninduen. Nire gonbidatua lurrean etzanda zegoen, ahoz gora eta hankak zabalik. Bihotzean sartuta, labana luzea zeukan; eta gorputza alderik alde igarota, zoruari lotzen zion. 2 - Esneketariak bidaiatzeari ekiten dio Besaulki batean eseri nintzen, erabat zorabiatuta bainengoen. Horrek bost bat minutu iraun zuen eta, gero, izutu egin nintzen. Ezin nuen niri begira zegoen aurpegi zuri hura jasan; mahai-zapi bat hartu, eta gorpua estali nuen. Gero, armairu batera balantzaka hurbildu nintzen, brandya atera eta zurrutada handi batzuk egin nituen. Heriotza bortitzak ikusiak nituen, nik ere hainbat gizon hil nituen Matabeleko Gerran. Baina pertsona bat bere gelan horrela hiltzea, odol hotzean, hori ezberdina zen. Nire onera itzultzea lortu nuen. Ordulariari begiratu nion, hamar eta erdiak ziren. Susmo batek harrapatu ninduen eta etxea arreta handiz miatu nuen. Ez zegoen inor, ezta inoren aztarnarik ere; baina dardaraka nengoen, eta leiho guztiei morroiloak jarri nizkien, baita ateari katea ere. Ordurako, pentsatzeko gai nintzen berriro. Gauzak ulertzeko ordubete behar izan nuen gutxi gorabehera. Ez nintzen azkar pentsatzen saiatu: hiltzailea itzuli ezean, pentsatzeko astia izango nuen, goizeko seiak arte edo. Egoera larrian nengoen, hori nahiko argi zegoen. Scudderren istorioari buruzko zalantzarik banu, gertatu zenak ezabatu zidan. Mahai-zapiaren azpian zegoen froga. Etsaiek aurkitu egin zuten, baita haren isiltasuna modurik eraginkorrenean bermatu ere. Haatik, Scudderrek lau egun igaro zituen nire apartamentuan, eta etsaiek pentsatuko zuten niri sekretuak kontatu zizkidala. Hortaz, hurrengoa ni izango nintzen. Gau horretan bertan izan zitekeen, edo hurrengo egunean, edo bi egun geroago; baina orain iritsia zen nire txanda. Halako batean, beste zerbaitez konturatu nintzen. Kalera aterako banintz, poliziari deituko banio, edo oheratu eta Paddockek gorpua aurkituko balu, zer kontatuko nieke Scudderren gainean? Paddocki gezurrak esan nizkion eta aferak oso itxura susmagarria zuen. Poliziari egia aitortu eta Scudderrek kontatutako guztia azalduz gero, barre egingo zidaten, besterik ez. Litekeena zen ni atxilotzea, hilketa leporatuta, eta bazeuden ni urkatzeko behar beste zeharkako froga. Ingalaterran, jende gutxik ezagutzen ninduen, eta ez nuen benetako lagunik ni nolakoa nintzen zinpean deklaratzeko. Beharbada, etsai sekretu horien jokoa hori zen. Nahikoa argiak ziren edozein gauza egiteko, eta Ingalaterrako kartzela bat labana bularrean sartzea bezain eraginkorra zen ekainaren hamabosta baino lehen ni gainetik kentzeko. Gainera, istorio guztia kontatuz gero —eta, mirariz, inork sinetsiko balit—, haien jokoari mesede egingo nioke. Karolides etxean geratuko zen eta horixe nahi zuten haiek. Scudder hilaren aurpegia ikusteak haren planaren jarraitzaile amorratu bihurtu ninduen, nolabait. Scudder zendua zen, baina nigan fidatu zen, eta sentitzen nuen haren lanarekin jarraitu beharra neukala. Beharbada, bizitza arriskuan zuen gizon batek horrela pentsatzea zentzugabe irudituko zaizue, baina nik horrela ikusten nuen. Pertsona arrunt samarra naiz, ez naiz besteak baino ausartagoa; baina ez dut gustuko gizon zintzo bat porrot egiten ikustea, eta, haren ordez jokoan parte hartzea lortzen banuen, labana luze hori ez zen Scudderren amaiera izango. Hori guztia pentsatzeko ordubete edo bi behar izan nituen eta, ordurako, erabaki bat hartuta neukan. Nolabait desagertu egin behar nuen eta ezkutuan jarraitu ekainaren bigarren astera arte. Gero, Gobernuko jendearekin harremanetan jartzeko modu bat aurkitu beharko nuen, Scudderrek kontatu zidanaren berri emateko. Amorru ematen zidan Scudderrek niri gehiago kontatu ez izanak, baita nik arreta handiagorik eman ez izanak ere. Datu sinpleenak baino ez nekizkien eta litekeena zen, nahiz eta beste arrisku guztietatik bizirik atera, azkenean nire istorioa inork ez sinestea. Arrisku hori ere onartu behar nuen eta Gobernukoei nire istorioa baieztatuko zien zerbait gertatuko zelako itxaropenari eutsi nion. Hurrengo hiru asteetan bizirik jarraitzea, hori nuen aurreneko lana. Maiatzaren hogeita laua zen eta, horrenbestez, hogei egunez ezkutatu beharko nuen, boteredunengana hurbiltzera ausartu baino lehen. Uste nuen bi jende-mota ibiliko zirela nire bila: Scudderren etsaiak, ni akabatzeko, eta polizia, Scudderren heriotzagatik atxilotzeko. Ehiza nahasia izango zen eta, nahiz eta bitxia izan, ideia horrek lasaitzen ninduen. Hainbeste denbora ezer egin gabe igaro ondoren, ia edozein ekintza hartzen nuen ontzat. Gorpuaren ondoan eserita, bakarrik, eta niri zer gertatuko zain nengoela, zizare zapaldu bat baino ez nintzen. Baina, bizitza nire adimenaren mende baldin bazegoen, prest nengoen hori aldarte baikorrez onartzeko. Une hartan bururatu zitzaidan: Scudderrek paper batzuk izango zituela beharbada, nik afera hobeto ulertu ahal izateko. Mahai-zapia kendu nion eta sakelak miatu nizkion. Ordurako gorpuak ez zidan beldurrik sortzen. Bat-batean eraildako gizona zen arren, oso itxura lasaia zuen. Bularraldeko sakelan ez zegoen ezer, eta txalekoan, txanpon batzuk eta zigarreta-euskarria baino ez. Praketan, labana txiki bat zuen sakeletako batean, eta txanpon batzuk, berriz, bestean. Jakaren alboko sakelan, krokodilo-larruz eginiko zigarreta-kutxa. Ordea, ez nuen gauzak idazteko zerabilen liburuxka beltza aurkitu. Hiltzaileak eraman zuen, zalantzarik gabe. Begirada altxatu nuenean, tiradera batzuk idazmahaitik aterata zeudela ikusi nuen. Scudderrek ez zituen horrela utziko, munduko gizakirik txukunena zen eta. Argi zegoen norbait zerbaiten bila ibilia zela; agian, liburuxkaren bila. Apartamentuan zehar ibili nintzen eta dena hankaz gora jarrita zegoela konturatu nintzen: liburuen barrualdeak, tiraderak, armairuak, kutxak, baita armairu barruko arroparen sakelak eta jangelan zegoen ontzitegia ere. Baina liburuxkaren aztarnarik ez. Ziur asko, etsaiek hartu zuten; baina ez zuten Scudderren gorpuan aurkitu. Segidan, atlas bat atera nuen eta Uharte Britainiarren mapa handi bati begiratu nion. Eskualde basati batera joatea bururatu zitzaidan. Han, Veldeko zelaietan ikasi nuena erabilgarri izango zitzaidan; bestela, hiri batean harrapatuta dagoen arratoia izango nintzen. Eskozia aukerarik onena iruditu zitzaidan nire familia eskoziarra zelako eta edonon eskoziar arruntzat hartuko nindutelako. Bururatu zitzaidan turista alemaniar gisa mozorrotzea, aitak bazkide alemaniarrak eduki baitzituen eta, txikitan, ondo samar ikasi bainuen alemana. Horrez gain, hiru urte eman nituen Damaralanden kobre bila. Baina eskoziarra izatea ez zen horren deigarria izango, eta poliziak niri buruz zekienarekin zerikusi txikiagoa zuen. Erabaki nuen Gallowayra joatea zela onena. Eskoziako eremu basatien artean hura zen hurbilena, ondorioztatu nuenez, eta, mapa ikusita, jende asko ere ez zen bizi. “Bradshaw” gidan ordutegia kontsultatu ondoren, ikusi nuen St Pancras geltokitik 7:10ean tren bat ateratzen zela, eta tren hori hartuta, Gallowayko edozein geltokitan egon nintekeela arratsalde amaierarako. Hori ondo zegoen, baina hori baino garrantzitsuagoa zen St Pancrasera nola iritsi asmatzea, Scudderren lagunak eraikinaren kanpoaldean egongo zirela ziur samar nengoen eta. Horrek kezkatu ninduen une batez. Baina bat-batean inspirazioa etorri zitzaidan eta, horrela, oheratu egin nintzen; bi ordu hala moduz lo egitea lortu nuen. Lauretan jaiki eta logelako leiho-ateak ireki nituen. Udaldiko goiz eder baten argi fina hasia zen zabaltzen eta txolarreak txorrotxioka ari ziren. Zalantza izugarri batek hartu ninduen, memelo hutsa sentitu nintzen: zergatik ez nuen dena bertan behera uzten eta ez nintzen fidatzen polizia britainiarrak nire kasua behar bezala aztertuko zuela. Hala eta guztiz ere, egoera berrikusi ondoren, ez nuen aurreko gauean hartutako erabakiaren aurkako argudiorik aurkitu eta, horrenbestez, aldarte garratz batekin, planarekin jarraitzea erabaki nuen. Ez nengoen oso izututa, baina, nolabait esateko, arazoak erakartzeko ere ez nuen gogorik. Tweedezko traje zahar bat jantzi nuen, bota sendo batzuk, zoletan iltzeak zituztenak, eta flanelazko alkandora lepokoduna. Sakelan beste alkandora bat sartu nuen, oihalezko txano bat, musuzapi batzuk eta hortzetako eskuila bat. Bi egun lehenago banketxetik urre-kantitate handia atera nuen, apika Scudderrek dirua beharko zuelako. Horrela, berrogeita hamar libra hartu nituen, eta Rhodesiatik ekarri nuen gerriko batean sartu. Ez nuen hori baino gehiago behar. Gero, bainatu eta bibotea moztu nuen. Luzea zen eta motza utzi nuen. Ondoren, hurrengo pausoa. Paddock zazpi eta erdietan puntual iritsi ohi zen, eta atea giltza batekin irekitzen zuen. Banekien —esperientzia txar baten ondorioz— zazpiak hogei gutxi aldera esneketaria iristen zela, zarata handia ateratzen zuen ontziekin eta atearen ondoan uzten zidan botila. Batzuetan, goiz altxatu eta paseo bat ematera nindoanean, esneketariarekin topo egiten nuen. Gaztea zen, nire garaierakoa, gutxi gorabehera, bibote txikia zuen eta mantal zuria janzten zuen. Nire itxaropen guztia harengan jarrita zegoen. Sartu nintzen egongela ilunean. Goizeko argi-izpiak leiho-ateetatik sartzen ari ziren pixkanaka-pixkanaka. Armairutik atera nituen whiskia, soda eta galleta batzuk eta gosaria hartu nuen. Ordurako, ia seiak ziren. Pipa sakelan sartu eta tabako-poltsa bete nuen sutondoan zegoen ontzi batetik. Hatzak tabakoan sartu ahala, gauza gogor batekin egin nuen topo: Scudderren liburuxka beltza atera nuen… Seinale ona iruditu zitzaidan. Gorpua estaltzen zuen mahai-zapia baztertu nuen eta hildakoaren aurpegi duin baketsuak harritu ninduen. —Agur, lagun —esan nion—. Ahal dudana egingo dut zure partez. Zortea opa iezadazu, zauden lekuan zaudela. Gero, atarira joan nintzen eta esneketariaren zain geratu nintzen han. Hori izan zen okerrena, etxetik lehenbailehen ateratzeko irrikaz nengoen eta. Sei eta erdiak, zazpiak hogei gutxi… ez zen iristen, ordea. Urteko egun guztien artean, kaiku hark egun hura aukeratu behar berandu iristeko! Zazpiak hamalau gutxitan ontzien zarata entzun nuen kanpoan. Atea ireki nuen, eta han zegoen gizona, nire ontziak ateratzen eta hortz artean txistu egiten. Ezustekoa jaso zuen ni ikusi ninduenean. —Sartu pixka batean —esan nion—. Zurekin hitz egin nahi dut. Eta jangelara eraman nuen. —Nik uste joko-gizona ere pixka bat bazarela zu —xuxurlatu nion—, eta mesede bat eskatu nahi dizut. Txanoa eta mantala hamar minutuz niri utzi, mesedez, eta hona hemen libra bat eragozpenen truke. Urrea ikustean begiak ireki zituen eta irribarre zabala atera zitzaion. —Nondik nora, ba? —galdetu zidan. —Apustua egin dut —esan nion—. Ez dut dena azaltzeko astirik, baina apustua irabazteko, esneketaria izan behar dut hamar minutuz. Zuk egin behar duzun guztia da ni itzuli arte hemen geratzea, besterik ez. Beranduxko joaten bazara, ez da inor kexatuko, eta libra hau zurea izango da. —Ederki! Ez naiz ni izango apustu bat zapuztuko duen gizona. Hartu arropa, jauna. Azkar jantzi nituen txano urdin laua eta mantal zuria, ontziak hartu eta txistuka jaisten hasi nintzen eskailerak. Atezainak isiltzeko agindu zidan. Antza, nire mozorroak bere betebeharra ondo betetzen zuen. Hasieran uste nuen kalean ez zebilela inor. Orduan, ehun metrora, polizia bat ikusi nuen eta, haren parean, eskale bat zebilen arrastaka. Bihozkada batek bultzatu ninduen begirada ondoko etxera zuzentzera, eta lehenengo solairuan aurpegi bat ikusi nuen. Eskalea azpitik igaro zenean, gora begiratu zuen, eta iruditu zitzaidan seinale bat egin ziotela elkarri. Kalea gurutzatu nuen, alai, txistuka eta esneketariaren ibilera baikorra imitatuz. Lehenengo kalean sartu, ezkerretara biratu eta orube baten ondotik igaro nintzen. Ez zegoen inor kale txiki hartan eta, beraz, esne-ontziak han utzi nituen, txanoa orube hartara bota nuen eta mantala ere bai. Nire oihalezko txanoa dagoeneko jantzia neraman postari bat sartu zenean kalean. Agurtu nuen eta susmorik gabe erantzun zidan. Une horretan, gertu zegoen eliza baten erlojuak zazpiak jo zituen. Ezin nuen segundo bat ere galdu. Euston kalera iritsi bezain laster, korrika hasi nintzen. Euston geltokiaren erlojuaren arabera, zazpiak eta bost ziren. St Pancras geltokian ez nuen txartela erosteko astirik eta, gainera, artean ez nuen helmuga erabakita. Maletazain batek nasa zein zen adierazi zidan eta, nasara iritsi nintzenean, trena abian zela ikusi nuen. Geltokiko bi ofizialek bidea oztopatu zidaten, baina saihestu eta azken bagoira igo nintzen. Hiru minutu geroago, Londres iparraldeko tuneletan bizkor eta zaratatsu gindoazela, guardia haserre batek hitz egin zidan. Newton-Stewarterako txartel bat saldu zidan —herri horren izena etorri zitzaidan bat-batean gogora—, eta lehen klaseko konpartimentu hartatik hirugarren klaseko batera eraman ninduen. Marinel bat eta ume batekin zihoan emakume gizen bat zeuden han. Guardia marmarka aldendu zen eta, bekokia lehortu ondoren, nire ahoskera eskoziarrik biziena erabiliz bidaia-lagunei esan nien noski ez zela lantegi ederra gaur egun trenak hartzea. Erabat sartuta nengoen neure paperean. —Esango nuke nik ere, zaindari horren kopeta! —esan zuen emakumeak haserre—. Eskoziar bat behar zen haren lekua zein den gogorarazteko. Kexatu da haurrak txartelik ez duelako, abuztuan egingo ditu eta bi urte!. eta gizon honek tu egitea ere gaizki iruditu ez zaio ba. Marinelak baieztatu egin zuen petral, eta, horrela, bizitza berriari ekin nion autoritateen aurkako gaitzespen-giroan. Gogora etorri zitzaidan astebete lehenago mundua aspergarria iruditzen zitzaidala. 3 - Tabernari literarioaren abentura Iparralderako bidaia gauza serioa izan zen. Maiatzeko eguraldia ederra zen, elorri zuria loretan zegoen landare hesi guztietan, eta ez nuen ulertzen zergatik, lehenago libre nintzenean, Londresen geratu nintzen mendialde eder hauetara atera ordez. Ez nintzen ausartzen kafetegi-bagoira joaten; baina Leedsen saski bat bazkari erosi eta emakume gizenarekin partekatu nuen. Goizeko egunkariak ere eskuratu nituen. Hainbat gairen gaineko albisteak zeuden: zaldi-lasterketak; cricket denboraldiaren hasiera; eta paragrafo batzuek zioten Balkanetan gauzak lasaitzen ari zirela; eta gerraontzi-eskuadra britainiar bat Kielera zihoala. Albisteak irakurri ondoren, Scudderren liburuxka beltza atera, eta aztertu egin nuen. Oharrez beteta zegoen, zifraz batez ere, baina izen batzuk ere bazeuden. Esaterako, “Hofgaard”, “Luneville” eta “Avocado” hitzak askotan aurkitu nituen, eta, batez ere, “Pavia”. Banekien Scudderrek ez zuela inoiz ezer egiten arrazoirik gabe eta ziur samar nengoen liburuxka kodetuta zegoela. Gai hori betidanik interesatu zait, eta, Boerren Gerran espioi ofizial nintzela, Delagoa badian, horretan aritu nintzen denboraldi batez. Xake-jokoan eta buru-hausgarrietan trebea naiz eta uste nuen kodeak asmatzen ere trebea nintzela. Kode horrek zenbakizkoa zirudien eta zifra-multzo bakoitza alfabetoko hizki bati zegokion. Buru pixka bat duen edonork kode horien gakoa aurkituko luke, ordubetez edo biz jorratu ostean. Dena den, ez nuen uste Scudderrek horren kode errazik erabiliko zukeenik. Horregatik, hitzetan kontzentratu nintzen. Zenbakizko kode on samarra egin daiteke, hizkien segida ematen digun hitz-gakoa lortuz gero. Orduak eman nituen horretan, baina ezin izan nuen hitz baliagarririk asmatu. Gero, loak hartu ninduen eta Dumfriesen esnatu nintzen justu garaiz trenetik azkar atera eta Galloway gurutzatzen zuen tren motelean garaiz sartzeko. Nasako gizon baten itxura ez zitzaidan batere gustatu, baina ez zidan ezta begiratu ere egin eta, neure burua makina automatiko bateko ispiluan ikusi nuenean, ez nintzen harritu. Aurpegi beltzaranarekin, tweedezko arropa zaharra jantzita eta ibilera erdi-makurrarekin, hirugarren klaseko bagoiak betetzen zituzten baserritarren itxura peto-petoa nuen. Baserritar haietako dozena-erdiren batekin ekin nion bidaiari, tabako merkez eta buztinezko pipaz inguratuta. Asteroko azokatik zetozen eta salneurrien gainean baino ez zuten hitz egiten. Ardien erditzeei buruzko berriak entzun nituen, Cairne, Deuche eta beste dozena bat ibar txikiri zegozkienak. Askok bapo bazkaldu zuten, whiski-usain handia zerien eta ez zidaten kasu handirik egin. Pixkanaka eta burrunbaka haran txikiz eta basoz osatutako eskualde bat gurutzatu genuen. Gero, zuhaitzik gabeko landa zabalean sartu ginen; aintzira txiki distiratsuz zipriztinduta zegoen. Iparraldera begiratuta, mendi handi urdinak ikusten ziren. Bostak aldera, bagoia hustu zen, eta, espero nuen moduan, bakarrik geratu nintzen. Hurrengo geltokian jaitsi nintzen, lokazti baten erdi-erdian. Ez nion herrixkaren izenari erreparatu. Karrooko geltoki txiki eta ahaztuak ekarri zizkidan gogora. Geltokiko arduradun zaharra baratzean ari zen aitzurrean. Pala sorbalda gainean hartu, treneraino motel gerturatu, fardel bat hartu eta patatetara itzuli zen. Hamar urteko ume batek nire txartela hartu zuen eta landa marroia sigi-saga gurutzatzen zuen errepide zurira atera nintzen. Udaberriko iluntze izugarri ederra zen eta muino guztiak amatista landuak bezain argi ikusten ziren. Airean, lokaztien usain bitxi sustraitsua sumatzen zen, baina giroa ozeanoaren erdialdekoa bezain arina zen, eta horrek oso eragin berezia zuen nire aldartean. Izan ere, alai eta lasai sentitzen nintzen. Polizia atzetik zeukan hogeita hamazazpi urteko gizona baino errazago izan nintekeen udalekuetara zihoan mutikoa. Veld garaietan izotz zuriz estalitako goizetan ibilbide luze bat egitera nindoanean bezala sentitzen nintzen. Beharbada ez didazue sinetsiko, baina txistuka hasi nintzen errepide horretan aurrera nenbilela. Ez neukan kanpatzeko edo gelditzeko asmorik, usain atsegineko landa muinodun eta zoriontsu hartan aurrera joan besterik ez nuen nahi. Zenbat eta kilometro gehiago egin, orduan eta hobeto sentitzen nintzen. Errepide ondoan zegoen hurritz bati adar bat moztu eta makila bat egin nuen. Geroxeago, errepidetik atera eta erreka arin baten pareko bide batean sartu nintzen. Iruditzen zitzaidan edozein jazarpenetatik oso urrun nengoela eta gaua horrekin goza nezakeela. Aspaldi jan gabe nengoen, eta oso gose nintzen, bazter batean, ur-jauzi baten ondoan zegoen artzain baten etxolara iritsi nintzelarik. Aurpegi beltzaraneko emakume bat zegoen atari ondoan eta landako jendearen portaera lotsati atseginaz agurtu ninduen. Gaua han pasatzerik al nuen galdetu nionean, ganbarako ohea erabil nezakeela erantzun zidan eta handik oso gutxira afari handi bat eskaini zidan: urdaiazpikoa, arrautzak, opilak eta esne kondentsatu lodia. Iluntzean, senarra itzuli zen menditik. Erraldoia zen eta oso argala, haren oinkada bat gizaki arrunton hiru oinkada adinakoa zen. Ez zidaten ezer galdetu, mendialdeko herri horietan jaiotako biztanle guztien jokabide zuzena baitzuten. Hala ere, argi zegoen tratularitzat hartu nindutela eta ahalegindu nintzen burutazio hori indartzen. Azienden gainean asko hitz egin nuen: horri buruz gutxi baitzekien nire anfitrioiak eta Gallowayko azokari buruzko gauza asko ikasi nituen. Memorian gorde nituen, beharbada aurrerago erabiltzeko. Hamarrak helduta, aulkian eserita lo geratzen ari nintzen eta ganbarako oheak oso gizon nekatua hartu zuen. Ez nuen goizeko bostak arte batere begirik ireki, ordu hartan hasten baitzen etxalde txiki hura martxan. Edozein ordainketa jasotzeari uko egin zioten eta seietarako, gosalduta eta oinkada luzez, hegoalderako bideari ekin nion berriro. Nire ideia trenbidera itzultzea zen, aurreko egunean baino geltoki bat edo bi urrunago jaitsiko nintzen, eta, hurrengo egunean, atzera egingo nuen. Uste nuen horixe zela planik ziurrena. Seguru asko, poliziak Londresetik urruntzen ari nintzela pentsatuko zuen, mendebaldeko porturen baterantz. Abantaila txiki bat nuelakoan nengoen. Ziurrenik, ordu batzuk behar izango zituzten hilketaren errua niri egozteko, eta beste hainbat, St Pancras geltokian trena hartu zuen gizona identifikatzeko. Eguraldia aurreko egunaren berdina zen: udaberrikoa, garbia, alaia. Ezin nuen neure burua kezkatuta imajinatu. Izan ere, aurreko lau hilabeteetan baino aldarte hobea nuen. Landako gailur luze baterako bidea hartu nuen, muino garai bat —artzainak Cairnsmore of Fleet deitu zuena— alde batera utzita. Habiak egiten ari ziren txirritxoak eta kurlintak txilioka, eta, erreken ondoko larre berdeetan, bildotsak zebiltzan. Joaneko hilabeteen mugimendu-falta hezurretatik joaten ari zitzaidan eta lau urteko mutiko baten gisa nenbilen. Segidan, erreka txiki batera iritsi nintzen, eta, kilometro bat eta erdi aurrerago, txilarren artetik gora, tren baten kea ikusi nuen. Iritsi nintzenean, ikusi nuen geltokia nire planetarako ezin hobea zela. Mortuak inguratzen zuen, eta ez zuen askorako espazioa uzten: errei bakarra, bazterbidea, itxarongela, bulegoa, geltokiko arduradunaren etxe txikia eta lorategi oso txiki bat, andere-mahatsekin eta krabelinekin. Bazirudien ez zegoela hara eramaten zuen inongo errepiderik, eta, bakardadea gehiago areagotzeko, aintzira baten olatuek granito grisezko hondartza laztantzen zuten kilometro-erdira. Txilar trinkoen artean itxaron nuen, zeruertzean ekialdera zihoan tren baten kea ikusi arte. Orduan, txartel-bulego txikira hurbildu eta Dumfrieserako txartel bat erosi nuen. Bagoiko bidaiari bakarrak artzain zahar bat eta haren txakurra ziren. Txakurrak begi hotzak zituen eta ez nintzen harekin fidatzen. Gizona lotan zegoen eta bere ondoko kuxinen gainean ikusi nuen goiz hartako Scotsman egunkaria. Grinatsu heldu nion, informazio baliagarria emango zidala uste bainuen. Portland Placeko Hilketaren —horrela deitzen zioten— gaineko bi zutabe zeuden. Paddock zerbitzariak poliziari deitu zion, eta horiek esneketaria atxilotu zuten. Gizagaixoa: libra hura garesti atera zitzaion. Baina niretzat merkea izan zen. Antza denez, poliziak ia egun osoa igaro zuen horretan. Azken albisteetan istorioaren jarraipena aurkitu nuen. Esneketaria askatu zutela irakurri nuen eta, poliziaren ustez, benetako hiltzaileak —ez zuen haren identitatea azaleratu nahi— Londresetik iparraldera trenez egin zuen ihes. Niri buruzko ohar bat ere bazegoen, pisuko jabea nintzelako. Pentsatu nuen ohar hori poliziak jarri zuela, susmagarria ez nintzela sinetsarazteko saiakera traketsa. Egunkarian ez zegoen albiste interesgarri gehiagorik, ez nazioarteko politikaren gainean, ez Karolidesen gainean, ezta Scudder kezkatzen zuten gaien gainean ere. Utzi egin nuen, eta orduan jabetu nintzen hurbiltzen ari ginela aurreko egunean trenetik atera nintzen geltokira. Patatak lantzen zituen geltokiko arduradunak zeregin txiki bat zuen eskuartean. Mendebalderako trenaren zain zegoen, guri aurrera egiten uzteko. Tren hartatik hiru gizon jaitsi ziren, arduradunari galdera batzuk egitera. Uste izan nuen bertako polizia zela, Scotland Yardek zirikatuta, eta geltoki txiki-txiki horretaraino nire arrastoaren bila etorri zirela. Atzerantz eseri nintzen, itzalak babestuta, eta kontu handiz begiratu nien. Batek liburuxka bat zuen eta oharrak egiten ari zen. Antza denez, patatazale zaharra haserre zegoen, baina nire txartela hartu zuen mutilak ez zirudien kezkaturik eta gogoz hitz egiten ari zen. Guztiak landari begira zeuden, errepide zuriaren norabidean. Espero nuen nire arrastoari harantz jarraitzea. Geltokitik urrundu ahala, bagoi-kidea esnatu zen. Begirada galdu batekin so egin zidan, zakurrari ostiko bortitza eman zion, eta non zegoen galdetu zidan. Argi zegoen oso mozkortuta zegoela. —Hauxe duk abstemio izatearen ondorioa —esan zuen minduta eta damututa. Esan nion ez nuela hain zuzen abstemio amorratutzat jo. —Ene!, abstemio handia egina nagok ba —erantzun zidan oldarkor—. San Martin egunean erabakia hartu, eta geroztik ez diat whiski-tantarik ere probatu. Ezta Urtezaharretan ere, eta tentazioa handia zela ez diat ukatuko. Orpoak aulki gainean jarri zituen eta buru narrasa kuxinetan murgildu zuen. —Ezer edan gabe, hola nebilek —kexatu zen—. Burua infernua baino beroago diat, eta begiak egutegian, igandea noiz iritsiko. —Zer hartu duk? —galdetu nion. —Brandy izeneko edari bat. Abstemioa naizenez, ez nioan whiskiari usainik ere hartu nahi, baina egun osoan brandy horri hurrupaka jardun diat; hamabost egun hauetan ez nauk ederki ibiliko, ez diat uste. Ahotsa totelka itzali zitzaion eta gogoz hartu zuen loak berriro. Nire plana urrunagoko geltoki batean ateratzea zen, baina, bat-batean, trenak hori baino aukera hobea eman zidan. Pendiz baten ertzean gelditu zen, errekasto marroi baten ondoan. Burua atera, eta ikusi nuen bagoi guztietako leihoak itxita zeudela eta inguruetan ez zegoela inor. Beraz, atea ireki nuen eta bide ertzeko hurritzetara salto egin nuen. Infernuko txakur hori izan ez balitz, dena ondo aterako zen. Jabearen gauzekin alde egiten ari nintzelakoan, zaunka egiten hasi zen eta ia-ia praketatik heldu zidan. Horrekin artzaina esnatu zen eta, neure buruaz beste egin nahi nuelakoan, garrasika hasi zen. Sasien artean katamarka joan nintzen, errekaren ertzeraino iritsi eta, zuhaixkekin babestuta, ehun bat metroz urrundu nintzen. Hor ezkutatuta, atzera begiratu eta han ikusi nituen guardia eta hainbat bidaiari bagoiko ate irekitik nire aldera begira zeudela. Ez nuen ihesaldi nabarmenagoa egingo turuta joz eta haize-instrumentuzko orkestra batekin atera izan banintz. Eskerrak artzain mozkortuak arreta desbideratzeko modua eman zuen. Gizona eta txakurra —soka batez gerritik helduta— bagoitik behera erori ziren bat-batean, eta pendizean behera joan ziren biraka tarte batez. Erreskatean, txakurrak norbaiti hozka egin zion, eta oso hitz gordinak entzun ziren. Pixkanaka-pixkanaka nitaz ahaztu ziren, eta, laurehun bat metro gehiago katamarka ibili ondoren, atzera begiratu nuen berriro. Trena martxan zegoen, eta lubaki artean desagertzen ari zen. Zirkulu-erdi itxurako mortu batean nengoen, erreka marroia erradio gisa, eta muino garaiak iparraldeko zirkunferentzia osatzen. Ez zegoen gizakien seinalerik, ezta soinurik ere: uraren mugimendua eta kurlinten txilio etengabea besterik ez zen entzuten. Hala ere, nahiz eta bitxia iruditu, lehenengo aldiz nintzen harrapatzaileen beldur. Ez nintzen poliziaz gogoratzen, beste jende horretaz baizik, Scudderren sekretua banekiela zekiten jendeaz, ezin baininduten bizirik utzi. Ziur nengoen legegizon britainiarrek ezagutzen ez zituzten kemenaz eta arretaz ibiliko zirela nire atzetik eta, harrapatuz gero, ez luketela gupidarik izango. Atzera begiratu nuen, baina ez zegoen ezer inguruetan. Eguzkiak bideko metaletan eta errekako harri bustietan egiten zuen distira, eta, ziurrenik, ez zegoen munduan ikuspegi hori baino baketsuagorik. Hala ere, korrika hasi nintzen. Lokaztiko erreka txikietan makurtuta, izerdiak itsutu ninduen arte egin nuen korrika. Ez nuen sentsazio hori burutik kendu gailurreraino iritsi nintzen arte, eta han, erreka marroiaren iturburuari begira, lur gainean etzan nintzen, arnasestuka. Talai hartatik, landa osoa ikusten nuen burdinbideraino eta are hegoalderago —txilarren ordez larreek betetako eremuraino—. Nire ikusmena belatz batena bezain ona da, baina inguru osoan ez nuen ezer ikusten. Orduan, gailurretik ekialdera begiratu eta beste paisaia bat ikusi nuen: sakonera txikiko bailara berdeak, izei basoez gainezka, eta hauts-lerro finak ostertzean, errepideen salatari. Azkenik, maiatzeko zeru urdinari begiratu nion eta beste gauza bat ikusi nuen han, zainetako odola azkarrago mugiarazi zidana… Hegoaldean, zeruertzean, hegazkin bat ari zen airean igotzen. Norbaitek hala esan izan balit bezala, ziur nengoen hegazkin hura nire bila zetorrela, eta hegazkina ez zen poliziarena izango. Ordu batez edo biz txilar arteko zulo batetik begiratu nion. Muinoaren gailurretik gertu egin zuen hegan, eta ni nengoen bailara gainean biribil estuak egiten zituen. Orduan, antza, iritziz aldatu zen: gorago igo eta iparralderantz jo zuen. Ez nuen aire-espioitza hori gustuko eta pentsatzen hasi nintzen babeslekutzat aukeratua nuen eremua ez zela hain egokia. Etsaiak zeruan bazebiltzan, txilarrez estalitako muino horiek ezin zidaten babesik eman eta, hortaz, beste babes mota baten bila joan behar nuen. Gailurretik harago zegoen paisaia berdea egokiago iruditu zitzaidan: han basoak eta harrizko etxeak zeuden. Iluntzeko seiak aldera, landatik atera, eta errepide zuri batera iritsi nintzen. Errepidea erreka apal baten haranean gora zihoan. Aurrera jo ahala, larreen ordez sasiak agertu ziren, bailara zabaldi bihurtu zen eta, aurreraxeago, mendate-itxurako leku batera iritsi nintzen. Etxe bakar bat ikusi nuen han, tximiniatik kea zeriola. Errepideak zubi bat gurutzatzen zuen eta gizon gazte bat zegoen han, karelaren kontra jarrita. Buztinezko pipa luze bat ari zen erretzen, eta urari begira zegoen betaurrekoen atzetik. Ezkerreko eskuan, liburu txiki bat zeukan, hatz bat orrialdea markatzen. Motel errepikatu zuen: «Grifo batek, lur basatietan zehar, hegaka, muino eta landa gainean, arimaspoak jazartzen dituenean bezala» Galtzada-harrietan nire pausoen hotsa entzun bezain laster, bat-batean biratu zen, eta haren aurpegi beltzarana, atsegina eta gaztea, ikusi nuen. —Arratsalde on —esan zidan seriotasunez—. Gau giro ederra oinez ibiltzeko. Haizeak ikatz-ke eta haragi errearen usaina ekarri zidan etxe barrutik. —Leku hau ostatua al da? —galdetu nion. —Zure esanetara —erantzun zidan adeitsu—. Ni nauzu ostalaria, jauna, eta espero dut gau bat igaroko duzula gurean. Izan ere, egia esatearren, aste honetan ez dut konpainiarik izan. Zubiaren karelaren gainera igo nintzen eta pipa bete nuen. Gaztea aliatutzat hartzen hasi nintzen. —Ostalaria izateko gaztea zara —esan nion. —Urtebete pasa da aita zendu zela eta negozioa utzi zidala. Amonarekin bizi naiz hor. Gizon gazte batentzat lanbide lasaiegia da, ez da nik nahi nuena. —Zer egin nahi zenuke? Gorritu egin zen. —Liburuak idatzi nahi ditut —aitortu zidan. —Eta hori egiteko hau baino aukera hoberik espero al duzu? —ihardetsi nion ozen—. Askotan pentsatu izan dut ostalariek izan behar dutela munduko kontalaririk onenak. —Orain ez —esan zidan grinatsu—. Beharbada antzina, erromesak, trobadoreak, bidelapurrak eta diligentziak errepidean atzera eta aurrera zebiltzala. Baina orain, ez. Autoan datoz bazkaltzera, emakume lodiz betetako autoetan. Udaberrian, arrantzale bat edo bi agertzen dira, eta, abuztuan, ehiztariak. Baina ez beste inor. Eta horietatik ez dago gauza handirik ateratzerik. Bizitza ikusi nahi dut, munduan zehar bidaiatu, eta, Kiplingen eta Conraden gisako istorioak idatzi. Baina, orain arte, Chamber’s Journalen poema batzuk argitaratzea izan da nire lorpenik handiena. Ostatura begiratu nuen, ilunabarrean urre-kolorez jantzia muino marroien aurrean. —Mundua ikusi dut pixka bat, eta ez nuke halako aterpe bat horren erraz gutxietsiko. Edo zer uste duzu, abenturak tropikoetan edo jaka gorriz janzten den jendearen artean baizik ez dela bizitzen ahal? Beharbada une honetan bertan zaude abentura batean murgilduta. —Hori da Kiplingek esaten duena —erantzun zidan, begiak gero eta distiratsuago, eta «9:15eko trenak abenturak ekartzen dizkigu» olerkiko lerro batzuk errezitatu zituen. —Hona hemen bada benetako istorio bat zuretzat —esan nion—, eta hilabete barru eleberri bat idatzi ahal izango duzu horrekin. Zubi gainean eserita, maiatzeko iluntze goxo hartan, istorio ederra kontatu nion. Funtsean, gainera, egiazkoa zen, nahiz eta xehetasun txiki batzuk aldatu. Kontatu nion Kimberleyko meatzaritza-handiki bat nintzela, diamante-erosketa debekatuekin arazoak izan zituena. Gaizkile talde batek jazarri ninduen, nire lagunik onena hil zuten, eta orain nire bila zebiltzan. Ez nuke nik esan behar, baina istorioa ondo kontatu nion. Ihesaldi bat imajinatu nuen Kalahari basamortuan zehar alemaniarren Afrikaraino: egarria pizten zuten egun beroek, belus urdinezko gau ederrek. —Abenturak nahi dituzu —esan nion, garrasika ia—. Ondo, bada, hementxe dituzu. Deabru horiek nire atzetik eta polizia haien ondotik. Nire asmoa lasterketa hau irabaztea da. —Jainkoarren! —xuxurlatu zuen, arnasa azkar hartu zuen harrituta—. Rider Haggardek edo Conan Doylek idatzi duela ematen du. —Sinesten didazu? —esan nion esker oneko. —Jakina —eta eskua eskaini zidan—. Ohikoa ez den guztia sinesten dut. Gauza arruntez izan behar dugu mesfidati, besterik ez. Oso gaztea zen, baina hura zen behar nuen gizona. —Uste dut momentuz galdu ditudala, baina ezkutatu behar dut egun pare batez. Lagunduko didazu? Ukondotik gogoz heldu zidan, eta etxerantz eraman ninduen. —Hemen goxo-goxo egongo zara. Eta inork ez du ezer esango. Hori, nire esku. Zure abenturei buruz gehiago kontatuko didazu, ezta? Ostatuaren atetik sartzerakoan, motor baten burrunba entzun nuen urrunean, eta hantxe ikusi nuen, mendebaldean ilunduz zihoan zeruan aurrera, hegazkinaren silueta. Etxearen atzealdean zegoen gela bat eman zidan —zabaldira begira zegoena—, eta gazteak liburutegia erabiltzen ere utzi zidan. Haren autore kuttunen edizio merkeez beteta zegoen. Ez nuen egundo amona ikusi eta ohetik ez zela altxatzen ondorioztatu nuen. Margit izeneko emakume adineko batek janaria ekarri zidan; ostalariak ez ninduen bakean utzi. Pixka batez bakarrik egon nahi nuenez, zeregin bat asmatu nuen berak egin zezan. Motozikleta bat zuen, eta hurrengo goizean egunkari bila bidali nuen. Normalean postarekin batera iristen zen, arratsaldean. Erne egoteko esan nion. Ezohiko pertsonarik ikusiz gero, gogoratzeko eta, batez ere, hegazkinei eta autoei ondo begiratzeko. Gero, Scudderren liburuxka sakonki aztertzeari ekin nion. Ostalaria eguerdian itzuli zen The Scotsman egunkariarekin. Ez zekarren ezer, Paddock eta esneketariaren gaineko hitz batzuk izan ezik eta, lehengo egunean bezala, hiltzailea iparraldera joan zela zioen. Haatik, Karolides eta Balkanetako aferen gaineko artikulu luze bat ageri zen, The Times egunkaritik hartua; baina ez zuen Ingalaterrara egin beharreko bisitari buruz ezer aipatzen. Arratsaldean, ostalariaz libratzea lortu nuen, eta buru-belarri aritu nintzen kodearen gakoa asmatu nahian. Esan dizuedan moduan, zenbakizko kodea zen eta, esperimentu-sistema nahiko konplexua erabiliz, zeroen eta etenen esanahia aurkitu nuen. Arazoa hitz-gakoa zen, eta, erabili izan zitzakeen hitz-andanan pentsatzen nuenean, itxaropena galtzen nuen. Aitzitik, hirurak aldera, bat-bateko inspirazioa izan nuen. Izen bat gogora etorri zitzaidan: Julia Czechenyi. Scudderrek esan zidan Karolidesen aferan gakoa zela, eta kodea asmatzeko erabiltzea bururatu zitzaidan. Funtzionatu zuen. “Julia” izenaren bost hizkiek bokalen kokapenak eman zizkidaten. ‘A’ hizkia ‘J’ zen, alfabetoaren hamargarren hizkia eta, ondorioz, kodean ‘X’ zen. ‘E’ hizkia ‘U’ zen eta ‘XXI’ bezala agertzen zen kodean, eta horrela ondoz ondo. “Czechenyi” abizenak kontsonante nagusien zenbakiak eman zizkidan. Datu horiek paper-zati batean azkar idatzi eta Scudderren orrialdeak irakurtzeari ekin nion. Ordu-erdi geroago, aurpegi zuriz eta hatz-muturrez mahaian jotzen nuen bitartean, irakurtzeari ekin nion. Leihotik begiratu nuen eta ikusi nuen turismo handi bat zetorrela bailaran gora, ostaturako bidean. Atarian gelditu zen eta autotik jendea ateratzen ari zela entzun nuen. Antza, bi ziren: bi gizon, biak gabardinaz eta tweedezko txanoaz jantzita. Hamar minutu geroago, ostalaria sartu zen gelara, begiak distiratsu. —Behean, zure bila dabiltzan bi gizon ditut —xuxurlatu zidan—. Jangelan daude, whiski eta soda hartzen. Zutaz galdetu didate eta esan didate zu hemen aurkitzea espero zutela. Oso ondo deskribatu zaituzte, botak, alkandora eta guzti. Esan diet atzo egon zinela, eta motozikletaz joan zarela gaur goizean. Haietako batek birao piloa bota du. Haien deskribapena eskatu nion. Bata argala zen, eta begi ilunak eta bekain iletsuak zituen; besteak irribarre egiten zuen etengabe eta zizipaza. Ez ziren atzerritarrak, horretaz erabat ziur zegoen nire lagun gaztea. Paper bat hartu nuen eta, gutun baten zati bat izango balitz bezala, hitz hauek idatzi nituen alemanez: “…Harri Beltza. Scudder horretaz konturatu zen, baina, hamabostaldi batez ezin zuen ezer egin. Ez dut uste orain ezer lagungarririk egin dezakedanik, Karolidesek ez dakielako oso ondo zer egingo duen, batez ere. Baina T. jaunak esaten badu, egin dezakedan guztia egingo dut…”. Nahiko txukun idatzi nuen, gutun pribatu baten orrialde solte bat zela pentsa zezaten. —Eraman behera, eta esan iezaiezu nire logelan aurkitu duzula eta niri itzultzeko, ikusten banaute. Hiru minutu geroago, autoa abian jarri zela entzun nuen eta, errezelen atzetik ezkutatuta, bi gizonak ikusi nituen. Bata argala zen eta bestea txukuna. Ezin izan nuen hori baino gehiago ikusi. Ostalaria agertu zen, erabat asaldatuta. —Zure paper horrek arreta piztu die. —Alaitasun handiz esan zidan—. Beltzarana hildako bat bezain txuri jarri da eta biraoka hasi da; lodiak txistu egin du eta keinu itsusia jarri. Edariak libera-erdi batez ordaindu dituzte eta ez dute atzerakoak jasotzeko itxaron. —Orain esango dizut zer nahi dudan zuk egitea —esan nion—. Hartu motozikleta eta joan Newton-Stewarteko polizia-buruarengana. Deskribatu bi gizonak eta esan iezaiezu uste duzula Londresko hilketarekin harremana dutela. Arrazoiak zeuk asma ditzakezu. Biak itzuliko dira, ez izan zalantzarik. Gaur gauean ez dira itzuliko, errepidean hirurogei kilometroz jarraituko nautelako; baina bihar goizean etorriko dira. Esan poliziari bihar goizeko lehen orduan hemen egoteko. Ume zintzoen moduan gelatik atera zen eta nik Scudderren oharrekin jarraitu nuen lanean. Itzuli zenean, elkarrekin afaldu genuen eta niri nahi beste galderaegiten utzi nion —zer gutxiago, ezta?—. Lehoi-ehizen eta Matabele Gerraren gainean luze hitz egin nion eta, aldi berean, pentsatzen nuen. esku artean nuen aferarekin alderatuta, abentura horiek oso lasaiak zirela Ohera joan zenean, gelan eseri eta Scudderren liburuxka amaitu nuen. Egunsentira arte erre nuen, aulkian eserita, ezin bainuen lorik egin. Goizeko zortziak aldera ikusi nuen bi polizia eta sarjentu bat iritsi zirela. Haien autoa garajean gorde, ostalariak hala aginduta, eta etxean sartu ziren. Hogei minutu geroago, leihotik ikusi nuen beste auto bat hurbiltzen ari zela zabaldiaren beste aldetik. Ez zen ostaturaino heldu: ehun eta laurogei metrora zegoen zuhaizti txiki baten gerizpean geratu zen. Ikusi nuen bidaiariek autoa atzera begira jarri zutela kontu handiz, atera aurretik. Minutu bat edo bi geroago, hartxintxarrean entzun nituen haien pausoak. Nire plana logelan ezkutatuta geratzea zen eta, handik, gertatuko zena ikustea. Uste nuen, polizia eta jazarle arriskutsu haiek elkartzea lortuz gero, abantailaren bat aterako nuela. Baina orduan beste ideia hobe bat bururatu zitzaidan. Nire anfitrioiari eskerrak emateko ohar azkar bat idatzi nion, leihoa ireki eta, zaratarik egin gabe, andere-mahats zuhaixka batera jaitsi nintzen. Inork ikusi gabe, erreka gurutzatu nuen, erreka-adar baten ertzean behera lau hankan joan eta errepideraino iritsi nintzen baso txikiaren beste aldean. Autoa zegoen han, txukun eta eder goizeko eguzkipean. Xasisaren hautsak erakusten zidan bidaia luzea egina zuela. Motorra piztu nuen, gidariaren aulkira jauzi egin, eta zabaldirantz egin nuen ihes isilean. Jarraian, errepideak behera egiten zuen, eta, hortaz, bistatik galdu nuen ostatua; baina iruditu zitzaidan haizeak ahots haserreen soinua ekartzen zidala. 4 - Hautagai erradikalaren abentura Imajina nazazue auto handi hori ahalik eta lasterren gidatzen landako errepide garbietan, maiatzeko goiz distiratu hartan. Hasieran, atzera begiratzen nuen batzuetan eta hurrengo bidegurutzea ikusteko irrikan nengoen; geroago, arreta handirik gabe gidatzen nuen, errepideari jarraitzeko behar nuen baino gehiagorik ez. Izan ere, murgilduta nengoen Scudderren liburuxkan aurkitu nuen horretan. Gizon txiki hark gezur pila bat kontatu zizkidan. Balkanen gaineko istorioak, anarkista juduak, Kanpo Arazoetako Ministerioaren hitzaldia, Karolides… dena gezurra zen. Baina ez erabatekoa, ikusiko duzuen erara. Haren istorioa erabat sinetsi nuen, eta desengainatu ninduen. Orain, haren liburuak beste kontu bat esaten zidan eta, nahiz eta ur beroak erreta egon, ez nintzen ur epelaren beldur: erabat sinesten nuen. Ez nekien zergatik. Benetakoa iruditzen zitzaidan, oso, eta lehenengo istorioa ere, nolabait, funtsean egiazkoa zen. Ekainaren hamabosta patuaren eguna izango zen, eta patu hori atzerritar baten heriotza baino garrantzitsuagoa zen. Hain zen kontu handia izango, non ez bainion Scudderri ezer leporatzen ni jokoz kanpo utzi eta bakarrik jokatu nahi izateagatik. Horixe zen haren asmoa, ziur samar nengoen. Istorio garrantzitsua kontatu zidan, baina benetako afera hain zen handia, ezen hura aurkitu zuen gizonak harentzat bakarrik nahi baitzuen. Ez nuen gaizki hartu. Azken batean, egoerak zituen arriskuengatik zen horren zuhurra. Kontu osoa liburuxkan zegoen, hutsune batzuk kenduta, eta hutsune horiek memoriarekin beteko zituen. Iturriei ere markak ematen zizkien: bakoitzari zenbaki bat ematen zion eta, gero, istorioaren une bakoitzean zuten sinesgarritasun-indizea idazten zuen. Letra larrietan idazti zituen izenak iturriak ziren eta gizon bati, Ducrosne jaunari, puntuazio gorena ematen zion, bost puntu, alegia. Beste batek, Ammersfoot jaunak, hiru jasotzen zituen. Istorioaren oinarrizko datuak baino ez zeuden liburuan eta dozena-erdi bider errepikatzen zen esapide bitxi bat, parentesi artean. Esaldia hauxe zen: («Hogeita hemeretzi maila»). Azken sarreran, honela agertzen zen: («Hogeita hemeretzi maila, zenbatu egin nituen: itsasgora, 22:17»). Ez nion inolako zentzurik hartzen. Lehenbizi ikasi nuen ez zegoela gerra ekiditeko modurik. Gauza ziurra zen, urtero Gabonak etorriko direla bezain ziurra. Scudderren hitzetan, hori 1912ko otsailetik hitzartuta zegoen. Karolides izango zen abagunea. Fitxatu egin zuten, eta ekainaren 14an hilko zuten, maiatzeko goiz hartatik bi aste eta lau egunera, alegia. Scudderren oharren arabera, ez zegoen inor munduan hori saihestuko zuenik. Haien amona larrutzeko gai ziren bizkartzain epiroten kontu hori txorakeria hutsa zen. Ikasi nuen bigarren gauza izan zen gerra hori Erresuma Batuarentzat ezusteko handia izango zela. Karolidesen heriotzak Balkanak harrotuko zituen erabat eta, orduan, Vienak ultimatuma emango zuen. Errusiari ez zitzaion gustatuko eta hitz larriak esango zizkioten elkarri. Aldiz, Berlinek bakezalearena egingo zuen eta egoera baretzen saiatuko zen. Gero, bat-batean, haserretzeko arrazoi bat aurkituko zuen eta, bost ordu geroago, guri erasoko zigun. Hori zen ideia eta ez zen ideia makala, gainera. Eztia eta hitz goxoak eta, bat-batean, ohartarazi gabeko kolpea. Alemaniaren fede eta asmo onez ari ginen bitartean, gure kostaldea itsasontzien kontrako minez beteko zuten ezer esan gabe, eta itsaspekoak gure gerraontzi guztien zain egongo ziren. Dena dela, horrek guztiak hirugarren gauza baten beharra zuen, eta hori ekainaren hamabostean gertatuko zen. Ez nukeen hori inoiz ulertuko, mendebaldeko Afrikatik itzultzen nintzen batean Estatuko ofizial frantziar bat ezagutu izan ez banu. Ofizial hark gauza asko kontatu zizkidan. Besteak beste, azaldu zidan Frantziaren eta Erresuma Batuaren artean benetako aliantza praktikoa zegoela, legebiltzarrean tontakeria asko esaten ziren arren, eta bi estatuburuak elkartzen ohi zirela batzuetan elkarlanean aritzeko, gerra piztuko balitz. Ekainean, oso ofizial garrantzitsua etorriko zen Parisetik eta britainiarrek mobilizatu beharreko flota nazionalaren kokapenak jasoko zituen. Nik, behintzat, halako zerbait zela ulertu nion; nolanahi ere, ezohiko garrantzia zuen gauza bat zen. Hala ere, ekainaren hamabostean, beste batzuk ere Londresen izango ziren, eta beste horien nortasunaz irudipenak baino ez nituen. Scudderrek “Harri Beltza” izenaz aipatzen zuen talde osoa, baina besterik ez. Ez ziren gure aliatuen ordezkariak, etsairik arriskutsuenak baizik, eta Frantziara bidali beharreko informazioa haien sakeletan bukatuko zuen. Informazio hori erabiltzeko asmoa zuten, gogoratu astebete edo bi geroago arma masiboekin eta torpedo azkarrekin etorriko zirela, ustekabean eta udaldiko gau baten ilunpean. Horixe dezifratu nuen mendialdeko ostatuaren atzealdeko gela hartan, leihotik aza-baratzea nuela ikuspegi. Istorio horrek egiten zidan burrunba burmuinean, auto handia haran batetik bestetara eramaten nuela. Burura etorri zitzaidan lehen ideia Lehen Ministroari idaztea izan zen; baina, pixka bat hausnartu ondoren, konturatu nintzen hori alferrikakoa izango zela. Nork sinetsiko zidan? Seinale bat behar nuen, egiaztatzeko froga bat, eta auskalo zer aurki nezakeen. Batez ere, aurrera jarraitu behar nuen eta, unea iristen zenean, esku hartzeko prest egon. Ez zen lan erraza izango. Erresuma Batuko polizia atzetik nuen; baita Harri Beltzaren zelatariak ere, nire arrastoari isilik eta azkar jarraitzen. Ez nuen oso argi nora helduko nintzen; baina, eguzkiaren laguntzaz, ekialdera gidatu nuen. Mapan ikusitakoa gogoratuz, banekien iparraldera joanez gero ikatz-meategiz eta industria-herriz betetako eskualde batera iritsiko nintzela. Une hartan, landetan behera nindoan, eta ibai baten haran zabala zeharkatzen ari nintzen. Kilometro askotan zehar, lursail bat inguratzen zuen harresi baten parean gidatu nuen eta, zuhaitzen artean, gaztelu handi bat ikusi nuen. Lastozko teilatuak zituzten herri zahar eta txikiak gurutzatu nituen, lur beheretako erreka lasaiak ere bai, elorriz eta otalorez gainezka zeuden lorategiak atzean utzi nituen arte. Horren ingurune baketsuan nengoen, ezen ezin bainuen sinets bi gizon zeudela nire atzetik ni erail nahian eta, hilabeteren buruan, izugarrizko zortea izan ezean, mendialdeko aurpegi biribilek izuturik begiratu zutela eta Ingalaterrako zelaiak gizon hilez beteko zirela. Eguerdi aldera, herri luze eta sakabanatu batean sartu nintzen, eta erabaki nuen geldituko nintzela zerbait jateko. Herriaren erdian, postetxea zegoen eta, horren eskaileretan, postetxeko arduraduna eta polizia bat telegrama bat dezifratzen ari ziren, ahalegin handiz. Ni ikusi bezain laster ohartu egin ziren eta poliziak, esku bat altxatuz, gelditzeko oihu egin zidan. Kasu egiteko bezain memeloa izan nintzen kasik. Orduan, bat-batean bururatu zitzaidan telegramak nirekin zerikusia zuela. Ostatuan zeuden guztiak ni berriro ikusteko gogoz zeuden eta, ziurrenik, erraza izango zen nire eta autoaren deskribapena telegramaz bidaltzea gurutza nitzakeen hogeita hamar herritara. Balaztak doi-doi askatu nituen. Hala ere, poliziak autoari heldu zion esku batekin, eta ezkerreko eskuarekin begian ukabilkada jo nion arte ez zuen laga. Ohartu nintzen errepide nagusiak ez zirela egokiak niretzat eta bigarren mailakoetan sartu nintzen. Maparik gabe ez zen erraza. Haziendaren bateko bidexka batean sartzeko arriskua zegoen eta, horrela, ahate-putzu edo ukuilu bateko patio batean amaitzeko. Ezin nuen halako atzerapenik eduki. Orduan ohartu nintzen autoa lapurtzea tontakeria izan zela. Erraldoi berde hark nire kokapenaren berri emango zuen Eskozian zehar. Autoa utzi eta oinez jarraitu izan banu, ordubete edo bi geroago jazarleak aurkituko zuketen eta ez nukeen alderik edukiko ihesean. Premiazkoena errepide aldenduenetara iristea zen. Laster aurkitu nituen, ibai handi baten adar batera iritsi nintzenean. Haranean barrena, muino aldapatsuz inguratuta nengoen eta, amaieran, errepide bihurri batek mendate bat gurutzatzen zuen. Ez nuen inorekin topo egin, baina, errepide horretatik, gehiegi urrunduko nintzen iparralderantz. Horrenbestez, ekialderantz zihoan bidexka txar batean sartu nintzen eta, azkenean, trenbide bikoitz handi batera iritsi nintzen. Beherantz begiratuta, beste haran bat ikusi nuen, zabal samarra, eta bururatu zitzaidan hura gurutzatuz gero beharbada urrutiko ostatu batean gaua pasatzeko aukera izango nuela. Iluntzen ari zuen eta oso gose nintzen, okin baten orgatik erositako opil pare bat baino ez bainuen jan gosariaz geroz. Orduantxe entzun nuen zarata bat zeruan eta, hara! Han zegoen hegazkin madarikatu hura, lurretik gertu hegaka, hogei bat kilometro hegoaldera, eta azkar zetorren nire norabidean. Eskerrak garaiz ohartu nintzen landa biluzian hegazkinaren mende nengoela eta nire aukera bakarra haraneko zuhaiztien pean sartzea zela. Tximista bezain azkar joan nintzen muinoan behera eta, noizean behin, burua biratzera ausartzen nintzen, makina hegalari nazkagarriari begiratzeko. Berehala, ertzetan hesiak zituen errepide batera heldu nintzen eta erreka baten ibar sakon batera eraman ninduen horrek. Orduan, baso trinko batera iritsi nintzen, eta abiadura gutxitu egin nuen. Bat-batean, beste auto baten klaxona entzun nuen nire ezkerretara eta izu handiz konturatu nintzen errepidera ematen zuen bide pribatu baten zutoinekin talka egitear nengoela. Nire klaxonak alarau ahula atera zuen, baina beranduegi zen. Balaztak zapaldu nituen, baina autoaren oldarra handiegia zen eta, nire bidean, beste autoa zihoan irristaka. Segundo bat gehiago igaro izan balitz, izugarrizko hondamena izango zatekeen. Egin nezakeen gauza bakarra egin nuen, hau da, eskuineko hesiaren kontra jo, horren atzean zerbait leuna egongo zelakoan. Aitzitik, oker nenbilen. Nire autoak hesia gurutzatu zuen gurina balitz bezala eta, gero, zorabiatzeko moduko jauzia egin zuen. Gertatuko zena ikusi izan banu, eserlekuaren gainean zutik jarriko nintzen, autotik jauzi egiteko prest. Elorri baten adarrak, ordea, bularretik harrapatu ninduen, altxatu, eta sostengua eman zidan, tona bat edo biko metal garestia nire azpitik irristatzen zen bitartean. Erori eta iraulka ibili zen, eta hamabost metro beherago zegoen errekaren uretan talka ozena egin zuen. Elorriak pixkanaka-pixkanaka askatu ninduen. Hesiraino jaitsi nintzen lehenbizi eta, gero, emeki-emeki, osin batzuetara. Baldarki zutik jartzen ari nintzela, esku batek besotik heldu zidan, eta ahots adeitsu eta beldurtu batek galdetu zidan mina hartu ote nuen. Gizon gazte eta garai bat aurkitu nuen aurrez aurre, gidatzeko betaurrekoez eta larruzko beroki batez jantzita, aieneka eta barkamena eskatzen etengabe. Arnasa berreskuratu ahala, pozik egoteko arrazoia baino ez nuen ikusi. Hori bai autoa gainetik kentzeko modua. —Errua nirea izan da —erantzun nion—. Eskerrak ez diodan hilketa bat gehitu nire tontakeria-zerrendari. Eskozian egin nahi nuen auto-bidaia amaitu da, baina nire bizitzaren amaiera ere izan zitekeen. Ordularia atera, eta begiratu zion. —Une egokian agertu zara —esan zidan—. Ordu-laurden bat libre daukat eta nire etxea hemendik bi minutura dago. Arropa emango dizute, eta janaria, baita ohe on bat ere. Hala ere, non daude zure gauzak? Autoarekin batera erre egin al dira? —Sakelan ditut —esan nion, hortzetako eskuila bat erakutsiz—. Kolonietakoa naiz eta gauza gutxirekin bidaiatzen dut. —Kolonietako bat! —oihu egin zuen—. Jainkoarren, nire otoitzen erantzuna zara. Kasualitatez, librekanbismoaren aldekoa zara? —Banaiz —erantzun nion, zer esan nahi zuen ideiarik ez nuen arren. Sorbaldan kolpetxoak eman zizkidan eta autoan azkar sartu ninduen. Hiru minutu geroago, itxura atsegineko etxe baten aurrean gelditu ginen, pinuz inguratua, eta barrura sartzeko keinua egin zidan. Lehenik, logela batera eraman ninduen eta dozena-erdi traje nire aurrean bota zituen, nirea suntsituta zegoen eta. Sargazko traje urdin handi bat aukeratu nuen, aurreko arroparekin alderik handiena baitzuen, eta lihozko lepoko bat hartu nion mailegutan. Orduan, jangelara joateko esan zidan eta han azken otordutik geratutako janaria zegoen mahai gainean. Esan zidan jateko bost minutu nituela. —Mokadu bat sakelan eraman dezakezu eta, itzultzen garenean, afalduko dugu. Masonen aretora, zortzietan iritsi behar dut; bestela, nire agenteak kargu hartuko dit. Kafe bat hartu nuen, baita urdaiazpiko hotz pixka bat ere eta, bitartean, nire anfitrioiak hitz egiten jarraitu zuen sutondoan. —Ikusiko duzu anabasa handian nagoela… Bide batez! Ez didazu zure izena esan. Twisdon? Hirurogeigarren erregimentuaren Tommy Twisdonen senidea al zara? Ez? Bada, ni eskualde honen hautagai liberala naiz, eta, gaur, badut mitin bat Brattleburnen. Horixe da nire herri nagusia eta, tamalez, kontserbadoreak oso indartsu daude han. Lehen Ministro kolonial ohia, Crumpleton, gaur nire alde hitz egitera etortzekoa zen, publizitate handia egin diogu mitinari, eta lekua gainezka egongo da. Baina, arratsaldean, lotsagabeak telegrama bat bidali dit esanez Blackpoolen dagoela, gripeak jota, eta hementxe nago ni, kontu osoa bakarrik egitera behartuta. Nire asmoa hamar minutuz hitz egitea zen, baina, orain, berrogei minutu izango dira, eta, hiru orduz burua hausten ibili naizen arren esateko zerbait aurkitu nahian, ez zait gauza nahikorik bururatu. Beraz, gizon jatorra izan eta lagundu, mesedez. Librekanbismoaren aldekoa zara eta protekzionismoak kolonietan egiten duen kaltea azal diezaiekezu. Zuek guztiek badaukazue hitz egiteko gaitasuna; nik ez, tamalez. Zurekin zorretan egongo naiz betiko. Ezer gutxi nekien librekanbismoaren alde edo aurka, baina, nahi nuena lortzeko, ez nuen beste aukerarik ikusten. Jaun gaztea hain zegoen bere gauzetan murgilduta, ezen ez baitzen konturatzen zeinen zen arraroa heriotzari ihesi egin eta auto izugarri garestia galdu berri duen ezezagun bati mitin batean hitz egiteko eskatzea bat-batean. Aitzitik, nire premiak ez zidan unearen bitxikeriari buruz hausnartzen uzten, ezta nire euskarriak aukeratzen ere. —Ondo da —ihardetsi nion—. Ez naiz oso mintzalari fina, baina Australiari buruz hitz egingo diet. Hitz horiek sorbaldetako zama izugarri hura arindu zioten, eta poz handiz eman zizkidan eskerrak. Larruzko beroki handi bat utzi zidan,eta ez zidan galdetu zergatik nenbilen auto-bidaian berokirik eraman gabe; hautsez beteta zeuden errepideetan genbiltzala, bere istorioa kontatu zidan. Umezurtza zen, osabak hezia. Ez naiz osabaren izenaz gogoratzen, baina gobernuan zegoen eta haren hitzaldiak egunkarietan irakur ditzakezue. Cambridgeko Unibertsitatean lizentziatu ondoren, munduan zehar bidaiatu zuen eta, gero, lanik ez zuenez, osabak politikagintzan sartzeko aholkatu zion. Ohartu nintzen berdin zitzaiola alderdi bat edo bestea. —Bietan, gizon onak daude —esan zidan alai—, baita lotsagabeko asko ere. Ni liberalen aldekoa naiz, nire familia betidanik hala izan delako. Politikan epela bazen ere, beste gauza batzuei buruzko iritzi sendoak zituen. Zaldien gainean asko zekien eta gauza asko kontatu zizkidan Derbyko lasterketan parte hartuko zuten zaldiei buruz; gainera, bere tiro-gaitasuna hobetzeko plan asko zituen. Oro har, gazte gardena, zintzoa eta heldugabea zen. Herri txiki bat gurutzatzen ari ginela, bi poliziak gelditzeko keinuak egin zizkiguten esku-argiekin. —Barkatu, Sir Harry —esan zuen batek—. Auto bat bilatzeko agindu digute eta deskribapena bat dator zurearekin. —Ondo da —esan zuen nire anfitrioiak, eta nik eskerrak eman nizkion Jainkoari, era arraro batean izan arren, neure burua salbatu nuela ikusita. Horren ondoren, ez zuen hitz gehiagorik esan, egin beharreko mintzaldia buruan zuen eta. Marmarka ari zen, begiak noraezean zebiltzan, eta bigarren hondamendi baten beldur nintzen. Neu ere saiatu nintzen zer esango nuen irudikatzen, baina nire burmuina harriak bezain lehor zegoen. Ohartu baino lehen, kale batean gelditu ginen, ate baten aurrean, eta dominaz betetako jaun zaratatsu batek ongietorria eman zigun. Aretoan, bostehun bat lagun zeuden, gehienak emakumezkoak, burusoil dezente eta dozena bat edo bi gizon gazte. Mahaiburuak –konfiantzarik ematen ez zuen apaiz protestante sudur gorridun batek– barkamena eskatu zuen Crumpleton ez agertzeagatik, gripea zuela adierazi zuen eta baieztatu zuen ni “Australiako pentsamenduaren benetako aitzindaria” nintzela. Atean, bi polizia zeuden eta espero nuen gorazarre hori entzun egingo zutela. Orduan, Sir Harry hasi zen. Ez nuen inoiz halakorik entzun. Ez zuen hitz egiteko ideiarik ere. Ohar mordoa zuen, eta haiek irakurtzen zituen; baina, horiek uzten zituenean, totelka hitz egiten zuen. Noizean behin, buruz ikasitako esaldi batez gogoratzen zen eta, bizkarra tente, Henry Irvingek bezain ondo esaten zuen. Gero, paperen gainean makurtuta egoten berriro, galduta. Ez nuen inoiz halako tontakeria handirik entzun. “Alemaniako mehatxuaren” gainean hitz egin zuen eta kontserbadoreen asmakizuna zela, txiroei haien eskubideak lapurtzeko eta gizarte-aldaketa handia eragozteko; baina “langile antolatuak” horretaz konturatu ziren, eta kontserbadoreei barre handia egiten zieten. Gure borondate ona erakusteko, itsas armada murriztu nahi zuen eta, ondoren, Alemaniari ultimatum bat bidaliko zion gauza bera egiteko; bestela, jipoitu egingo genuen. Kontserbadoreengatik ez bazen, Alemania eta Erresuma Batua elkarlanean ibiliko ginen bakearen eta aldaketaren alde. Sakelan nuen liburuxka beltzean pentsatu nuen! Scudderren lagunei bakea eta aldaketa bost axola zitzaizkien. Hala ere, mintzaldia gustatu egin zitzaidan, nolabait. Gizonak tontakeria hutsak irentsiak zituen arren, haren zintzotasuna agerikoa zen. Gainera, zama handia kendu zidan gainetik. Agian ez nintzen oso mintzalari ona izango, baina Sir Harry baino mila aldiz hobea banintzen. Nire txanda iritsi zenean, ez nuen hain gaizki hitz egin. Australiaren gainean gogoratzen nuen guztia kontatu nien, han bertan Australiako inor egongo ez zelako esperantzan. Hango alderdi laboristaren, emigrazioaren eta soldadutzaren gainean hitz egin nien. Ez dut uste librekanbismoa aipatzearekin gogoratu nintzenik; baina esan nien Australian kontserbadorerik ez zegoela, alderdi laboristak eta liberalak bakarrik. Horrek txaloak piztu zituen eta pixka bat esnarazi nituen, eta esan nien gure inperioa oso gauza loriatsua izan zitekeela, guztiok ahalegin handia eginez gero. Oro har, uste dut arrakasta hutsa izan zela. Aitzitik, ez nintzen apaizaren gustukoa izan eta, publikoari eskerrak emateko eskatu zionean, esan zuen Sir Harryren mintzaldia “estatu-politikari baten mailakoa” izan zela eta nirea, berriz, “emigrazio-agente baten elokuentzia”. Autoan berriro sartu ginenean, aldarte onenean zegoen nire anfitrioia. —Mintzaldi izugarria, Twisdon —esan zidan—. Eta orain, etxera etorriko zara nirekin. Bakarrik nago eta, egun bat edo bi geratuz gero, arrantzan joango gara. Afari beroa genuen —horren desiran nengoen ni— eta pontxea edan genuen, egongela alai batean, karraska egiten zuen sutondoaren alboan. Uste nuen egia esateko unea iritsia zela. Begietan ikusi nuen fidatzeko moduko gizona zela. —Entzun, Sir Harry —esan nion—. Gauza garrantzitsu samar bat azaldu behar dizut. Gizon jatorra zara eta zintzoa izango naiz. Non demontretik hartu dituzu gaur bota dituzun tontakeria pozoitsu horiek? Aurpegia ilundu zitzaion. —Horren txarra zen? —galdetu zidan lotsatuta—. Nahiko ahul geratu da, bai. Gauza gehienak Progressive aldizkaritik eta nire agenteak bidaltzen dizkidan panfletoetatik atera ditut. Baina ez duzu uste Alemaniak gure kontrako egingo duenik, ezta? —Galdera hori sei aste barru egiten baduzu, ez duzu erantzunik behar izango —ihardetsi nion—. Ordu-erdi bat ematen badidazu, istorio bat kontatuko dizut. Oraindik, gela argitsu hura ikus dezaket, orein-buruak eta grabatu zaharrak hormetan, Sir Harry urduri sutondoko harrizko ertzaren gainean eta ni besaulki batean etzanda, hizketan. Beste pertsona bat banintz bezala ikusten nuen dena. Nire ahotsa entzuten nuen eta istorioak sinesgarria zirudien ala ez arretaz epaitzen nuen. Lehen aldia zen egia osoa —nik ulertzen nuena behintzat— norbaiti azaltzen niola eta oso lagungarria izan zitzaidan, gauzak argi ikusten lagundu baitzidan. Ez nuen xehetasunik ezkutatu. Scudderren gainean hitz egin nion, baita esneketariarena kontatu ere, liburuxkarena eta Gallowayn egin nuena ere bai. Urduri jarri zen eta sutondoko alfonbraren gainean aurrera eta atzera ibiltzen hasi zen. —Beraz —amaitu nuen—, Portland Placeko Hilketagatik bilatzen ari diren gizona etxean duzu. Zure betebeharra zure autoa poliziarengana bidaltzea da, haiek nire atxilo nazaten. Ez dut uste oso urrun iritsiko nintzatekeenik. Istripu bat gertatuko litzateke eta, atxilotu eta ordubete edo bi geroago, labana bat izango nuke saihetsen artean. Baina, herritar zintzo zaren aldetik, zure betebeharra da. Beharbada hilabete barru damutuko zara, baina ez duzu zertan horrekin pentsatu. Begi distiratsuekin irmo begiratu zidan. —Zer lan mota egiten zenuen Rhodesian, Hannay jauna? —galdetu zidan. —Meatze ingeniaria —esan nion—. Nire dirutza zintzo lortu dut eta horrekin ondo pasatu dut, gainera. —Ogibide horrek ez die gizon baten nerbioei eragiten, ezta? Barre egin nuen. —Horri dagokionez, ez daukat arazorik. Ehiztari-labana bat hartu nuen horman zegoen apal batetik; Mashona tribuaren amarru zaharra egin nuen: airetara bota, eta hortzekin harrapatzea. Hori egiteko, tentua behar da. Irribarre batez begiratu ninduen. —Ez dut frogarik behar. Beharbada mitinean tuntunarena egin dut, baina badakit gizon bati neurria hartzen. Ez zara hiltzailea eta ez zara memeloa eta uste dut egia esaten ari zarela. Eta orain lagunduko dizut. Zer egin dezaket? —Lehenik, idatzi gutun bat osabari. Ekainaren hamabosta baino lehen gobernukideekin harremanetan jarri behar dut. Bibotetik tira egin zuen. —Horrek ez lizuke lagunduko. Hau Kanpo Arazoetako Ministerioaren afera bat da, eta osabak ez du zerikusirik horrekin. Gainera, ez zenuke inoiz konbentzituko. Ez, hori baino gauza hobea egingo dut. Kanpo Arazoetako Ministerioko idazkari nagusiari idatziko diot. Aita pontekoa dut eta fidatzeko modukoa da, erabat. Zer esango diot? Mahai baten ondoan eseri zen eta diktatu egin nion. Gakoa zen Twisdon deritzon gizonezko bat —uste nuen izen horrekin jarraitzea hobe zela— ekainaren hamabostean baino lehen agertzen bazen, ondo hartu beharko zukeela. Twisdonek bere nortasuna egiaztatzeko, “Harri Beltza” aipatu eta “Annie Laurie” abestiaren melodia txistukatu egingo zuen. —Primeran — esan zuen Sir Harryk—. Hori da jarduteko modua. Bidenabar, aita pontekoak Sir Walter Bullivant du izena eta, egun horietan, landatan duen etxean egongo da. Artinswelletik gertu dago, Kennet ibaiaren ertzean. Beraz, gutuna idatzita dago. Orain zer? —Nire garaierakoa zara, gutxi gorabehera. Utzi iezadazu zure tweedezko trajerik zaharrena. Edozein trajek balioko du, arratsaldean suntsitu dugun arroparen kolorearen desberdina bada. Gero, erakutsi eskualdeko mapa bat eta azaldu hemengo orografia. Azkenik, polizia nire bila etortzen baldin bada, erakuts iezaiezu haranean dagoen autoa, besterik ez. Besteak agertzen badira, esan iezaiezu hegoalderako trena hartu nuela mitinaren ondoren. Gauza horiek guztiak egin zituen edota egingo zituela agindu zidan. Geratzen zitzaidan bibotea kendu nuen eta traje zahar-zahar bat jantzi nuen, (uste dut heather mixture deitzen zaiola materialari). Mapari esker, inguruaren ezaugarriak ezagutu nituen eta jakin nahi nituen bi gauzak esan zizkidan: hegoaldera zihoen trenbidea non hartu eta inguruko alderik basatienak zein ziren. Ordu bietan, egongelako besaulkian nengoela esnatu ninduen eta, begiak etengabe kliskatzen nituela, gau ilun izardunean barrena eraman ninduen. Tresna-etxola batetik, bizikleta zahar bat atera zuen eta eman egin zidan. —Lehenik, izei-baso luzean, eskuinetara jo —esan zidan—. Egunsentirako, mendi artean egongo zara. Orduan, bizikleta lokazti batera bota eta joan oinez mendixketara. Artzainen artean, astebete eman dezakezu Ginea Berrian izango bazina bezain seguru. Hartxintxarrezko bidexketan gora, oinpekoei eragin nien, egunsentiak zerua argitu zuen arte. Eguzkia behe-lainoa kentzen ari zela, mundu berde eta zabal batean aurkitu nuen nire burua; haran txikiak alde guztietara eta urruneko zeruertza urdinerantz zabaltzen ziren. Han, behintzat, berehala jabetuko nintzen etsaien presentziaz. 5 - Bide-langile betaurrekodunaren abentura Mendateko lekurik altuenean eseri nintzen eta nire egoera analizatu nuen. Nire atzean, errepidea zegoen. Errepideak gora egiten zuen muinoen artean, arrail luze batean, ibai ospetsu baten goiko ibarrean. Aurrean lautada zegoen, beharbada kilometro eta erdikoa, lokaztiz eta sasi basatiz betea eta, harago, errepidea azkar jaisten zen beste haran batera, beste lautada bateraino. Lautada horren iluntasun urdina urruntasunean galtzen zen. Ezkerretara eta eskuinetara, profil leuneko muino berdeak zeuden, madalenak ziruditen. Hegoaldera, hots, nire ezkerretara, txilarrez estalitako mendi altuak ikusten ziren eta gogoratu nuen mapan babesleku gisa aukeratu nituen mendiak zirela. Garaiera itzeleko landa baten erdian nengoen: kilometrotara zer gertatzen zen ikus nezakeen handik. Errepidearen azpian zeuden larreetan, etxola bat zegoen, tximiniatik kea zeriola. Hori zen gizadiaren seinale bakarra. Bestela, txirrien txioak eta erreka txikien txilin-hotsa baino ez ziren entzuten. Zazpiak inguru ziren eta, han geldirik nengoela, airean berriro entzun nuen mehatxuzko taupada hori. Orduan konturatu nintzen nire talai hori benetan tranpa bat izan zitekeela. Txoririk txikienak ere ez zuen ezkutatzerik leku berde biluzi horietan. Taupada handitzen ari zela, geldirik geratu nintzen eserita, etsita. Orduan, ikusi nuen hegazkina ekialdetik zetorrela. Altu hegan egiten zuen, baina, hari begira nengoela, ehun bat metro egin zuen behera eta muino multzoaren inguruan hasi zen hegan, belatzak eraso egin baino lehen zirkulutan hegan egiten duen bezala. Orain, oso baxu zegoen eta hegazkin barrukoek ikusi ninduten. Bi kideetako batek prismatikoez aztertzen ninduela ikusi nuen. Bat-batean, kiribil azkarrez igotzen hasi zen eta, abiadura handiz, ekialdera abiatu zen, goizaldiko zeruan izpi txiki bihurtu arte. Horrek azkar eta sakon pentsarazi zidan. Etsaiek bazekiten non nengoen eta, handik gutxira, inguratuko ninduten. Ez nekien zer baliabide zituzten, baina ziur nengoen behar adina izango zela. Hegazkinetik, nire bizikleta ikusi zuten eta errepidetik ihes egiten saiatuko nintzela ondorioztatuko zuten. Hala izanda, landetan zehar eskuinetara edo ezkerretara jotzen banuen, aukera bat izan nezakeen. Bizikleta errepidetik ehun metrora eraman nuen eta goroldioz betetako urmael batera bota nuen eta, han, barrabas-belarren eta urrebotoien artean hondoratu egin zen. Orduan, muino batera igo nintzen eta, handik, haran bata eta bestea ikusten nituen. Inguruko zinta zurian ez zen ezer mugitzen. Aitzitik, ez zegoen arratoi bat ezkutatzeko lekurik ere. Eguna argitu ahala, argi gardenak lekua bete zuen, Veldean egoten den giro eguzkitsuak egiten duen antzera. Beste egoera batean, lekua nire gustukoa izango zitekeen, baina itogarri iruditzen zitzaidan orduan. Landa ireki horiek kartzelako hormak ziren; muinoetako haize ederra, ziega baten kiratsa. Txanpona bota nuen airetara: aurkia, eskuinetara; binperra, ezkerretara. Aurkia atera zenez, iparraldera abiatu nintzen. Hortik gutxira, gailur batera iritsi nintzen, mendateko hormara, alegia. Errepidean zehar, hamar kilometrora ikusten nuen eta, urrunean, zerbait mugitzen ari zen. Uste nuen auto bat izango zela. Gailurretik haratago, landa berde malkartsua ikusi nuen, basoko haranetara eramaten zuena. Veldean izandako bizimoduak arrano baten ikusmena eman zidan eta, horregatik, urrun dauden gauzak ikus ditzaket, nahiz eta gizon gehienek gauza horiek ikusteko teleskopioa behar. Maldan gora, hiru bat kilometrora, gizon batzuk zebiltzan, ehizaldi batean dabiltzan bilatzaileen gisan. Bistatik kanpo jarri nintzen, zeruertzaren atzean. Bide hori itxita neukan eta errepidetatik harago zeuden mendietan babeslekua aurkitzen saiatu nahi nuen. Lehen ikusitako autoa hurbiltzen ari zen, baina, momentuz, urrun zegoen eta aldapa handiak igo beharko zituen. Korrika egin nuen gogoz, makurtuta sakanetan izan ezik eta, aurrera joan ahala, aurrean nuen muinoaren gailurrari begiratzen nion tarteka. Nire irudimena zen ala pertsona batzuk ikusten ari nintzen (bat, bi, beharbada gehiago) haran gainean mugitzen, errepidez haraindi? Lursail batean alde guztietatik setiatuta egonez gero, aukera bakarra duzu ihes egiteko. Lursailean geratu behar duzu eta, etsaiek bilatu arren, ez zaituzte aurkitu behar. Hori zentzuzkoa zen, baina nola demontre ez ninduten ikusiko leku laukizuzen horretan? Lokatzetan leporaino murgilduko nintzatekeen; edo ur azpian etzan; edo zuhaitzik altuena igo: baina ez zegoen adarrik; lokazti zuloak putzu txikiak ziren; eta, errekaren ordez, ur-ildo fina zegoen. Txilar motza baino ez zegoen, muino biluziekin eta errepide zuriarekin batera. Orduan, oso bihurgune txiki batean, harri-tontor baten ondoan, bide-langilea aurkitu nuen. Iritsi berria zen eta mailuari nekez eragiten zion. Zuhurtziaz begiratu zidan eta aharrausi egin zuen. —Zorigaiztokoa laborantza utzi nian eguna! —oihu egin zuen, munduari esango balio bezala—. Orduan, nire buruaren jabea ninduan. Orain, gobernuaren esklaboa nauk, bide bazterrari lotua, begiak higatuak eta bizkarra makur. Mailua hartu zuen, harri bat kolpatu, eta birao batzuk botata, berriz eragin zion. Eskuak belarrietara eraman zituen. —Otoi! Burua zapartatzen ari zaidak! —garrasi egin zuen. Itxura basatia zuen. Nire neurrikoa zen, gutxi gorabehera; baina oso okertuta zegoen, astebeteko bizarra eta pastazko betaurreko handiak zituen. —Ezin diat egin —oihu egin zuen berriro—. Ikuskatzaileak sala nezala. Ohatzera joanen nauk. Arazoa zein zen galdetu nion, nahiko argi zegoen arren. —Arazoa duk mozkortua naizela. Barda, alaba Merran ezkondu zuan eta lauak arte egin zitean dantza. Ni eta beste batzuk edateko jarri gintuan, eta hemen nauk. Domaia duk nik ardo beltzari inoiz begiratu izana! Oheratu behar zen; ados nengoen. —Hori erratea erraza duk —kexatu zen—. Baina atzo karta postala errezibitu nian ikuskatzaile berria gaur jinen zela erraten ziana. Etortzen denean ez naik aurkituko, edo, aurkituz gero, gaizki aurkituko naik, beraz eneak egin dik. Oheratuko nauk eta gaizki nagoela erranen zieat, baina horrek ez nauk lagunduko. Nire eritasuna zer den bazakitek. Eta orduan bururatu zitzaidan. —Ikuskatzaile berriak ezagutzen ote hau? —galdetu nion. —Ez naik ezagutzen, ez. Aste bat bakarrik duk lanean ari duala, gehiago ez. Auto ttipi batean ibiltzen duk eta izigarri zorrotza duk. —Hik non duk etxea? —galdetu nion, eta, hatz dardaratiaz, erreka ondoan zegoen etxola seinalatu zidan. —Ongi, habil etxera —esan nion—, eta egin lo lasai. Memento batez hire lana eginen diat, baita ikuskatzailearekin mintzatuko ere. Sinesgaitz begiratu zidan, eta, haren buru nahasia ulertzen hasi zenean, mozkortien irribarre distraitua azaldu zitzaion aurpegian. —Hi bai mutiko gisakoa —oihu egin zuen—. Egitekoa erraza duk. Harri-tontor hori egin diat, eta, beraz, goiz honetan ez duk gehiago zilatu behar. Errota hartu, eta, hor den harrobitik, bihar beste tontor bat egiteko bezainbat ekarri. Nire izena Alexander Trummle duk, eta zazpi urte hauetan ari nauk lan honetan. Lehen, laboraria ninduan Leithen Wateren. Lagunek Ecky deitzen naitek, baita Specky ere, begi-lagunak badizkidalako, bista ahula baitiat. Ikuskatzaileari jendeki mintzatu, "jauna" erran iezaiok, eta kontent izanen duk. Ni eguerdi irian itzuliko nauk. Betaurrekoak eta txano zikin eta zaharra hartu nizkion; nire jaka, txalekoa eta lepokoa kendu nituen eta eman egin nizkion. Buztinezko pipa zikina ere maileguan hartu nion. Egin beharreko ataza sinpleak azaldu zizkidan eta, besterik gabe, lasai abiatu zen oherantz. Oheratzea zuen helburu nagusitzat, baina nik uste botilan ere pixka bat geratzen zitzaiola. Espero nuen nire lagunak iritsi baino lehen gizona tapaki artean egotea. Nire papera betetzeko jantzi nintzen. Alkandora ireki nuen. Koadroduna zen, urdina eta zuria, baserritarrek eramaten dituztenen modukoa eta lepoa ijito batena bezain marroia zuen. Maukak igo nituen eta besaurrea errementari batena izan zitekeen, eguzkiak belztua eta zauri zaharrez betea. Errepideko hautsarekin botak eta prakak zuritu nituen. Gero prakak igo egin nituen eta belaunaren azpian soka batez lotu. Segidan, aurpegiarekin hasi nintzen. Hautsarekin ur-marka bat egin nuen lepoan, ziur aski Turnbull jaunak igandero garbitzen zuenaren muga. Masail beltzaranak hautsez igurtzi nituen. Bide-langile baten begiak handitu samar egongo ziren; hortaz, hauts pixka bat sartu nuen bietan eta, igurtziz eta igurtziz, lausotuta utzi nituen. Sir Harryk eman zizkidan sandwichak nire jakan zeuden, baina bide-langilearen bazkaria, musuzapi gorri batean bilduta, eskura nuen. Gose handiz, opil lodiak eta gazta zati batzuk jan nituen, baita te hotz pixka bat edan ere. Musuzapian, bertako egunkaria zegoen, sokaz lotuta eta Turnbull jaunaren izenarekin, ziur aski eguerdiko etena arintzeko. Fardela berriro lotu nuen eta egunkaria haren ondoan utzi nuen, oso agerian. Iruditzen zitzaidan nire botak ez zetozela egoerarekin bat eta ostiko batzuk eman nizkien harriei, bide-langile baten oinetakoen granitozko itxura har zezaten. Orduan azazkalak hozkatu eta urratu nituen, ertzak arrailduta eta berdindu gabe utzi arte. Nire bila zetozen gizonek ez zuketen xehetasunik galduko. Lokarri bat apurtu nuen, eta berriro lotu nuen korapilo trakets batez; bestea askatu nuen, galtzerdi gris eta lodia agerian uzteko. Momentuz, ez zen errepidean ezer ikusten. Aski seguru, ordu-erdi lehenago ikusi nuen autoa etxerantz zihoan. Mozorroa osatu eta gero, gurdia hartu nuen eta ehun metrora zegoen harrobira joan-etorriak egiten hasi nintzen. Gogoratzen dut Rhodesian ezagutzen nuen esploratzaile zahar batek –bere garaian ezohiko gauza asko egin zituenak– esan zidala plantak ondo egiteko pertsonaiaren paperean benetan barneratu behar dugula. Ezinezkoa zen rola ondo egitea pertsonaia hori gu geu ginela sinetsi ezean. Hortaz, nire pentsamenduak itzali nituen eta errepideen konponketa-lanetan kontzentratu nintzen. Etxola zuri txikia nire etxetzat hartu nuen; Leithen Waterren abeltzain eman nituen urteak gogora ekarri nituen; neure burua ohe txiki batean gozo-gozo lo egiten imajinatu nuen, whiski-botila merke baten ondoan. Ez zen ezer agertu errepide zuri luzean. Noizean behin, ardiren bat txilarretik ateratzen zen eta begira geratzen zitzaidan. Lertxun bat zegoen errekan eta putzura jaitsi zen arrainak harrapatzera; baina ez zidan kasu txikienik ere egin. Jarraitu nuen harri-zama handiak eramaten, profesional baten pauso astunekin. Laster berotu nintzen eta aurpegian nuen hautsa benetako zikintasun bihurtu zen. Zenbatzen hasi nintzen zenbat ordu falta ziren Turnbull jaunaren lan monotonoari amaiera emateko. Bat-batean, errepidetik, ahots garbi batek hitz egin zidan. Altxatu nintzen eta Ford txiki bat ikusi nuen, baita onddo-kapela zeraman aurpegi biribileko gazte bat ere. —Alexander Turnbull al zara? —galdetu zidan—. Konderriko Errepide Gainbegirale berria naiz. Blackhopefooten bizi zara eta Laidlaw-byresetik Riggserainoko zatia zurea da? Ederki! Errepide ona da, Turnbull, eta ondo diseinatua. Kilometro eta erdira, bigun samar dago eta ertzak garbitu behar dira. Hori egin beharko duzu. Egun on. Ikusten nauzun hurrengoan, ezagutuko nauzu. Argi zegoen mozorroa gainbegirale beldurgarriarentzat nahikoa zela. Lanarekin jarraitu nuen eta, goiza eguerdi bihurtzen ari zela, zirkulazio pixka batek alaitu zuen giroa. Okin baten furgonetak muinoan gora egin zuen eta poltsa bat jengibre-galleta erosi nuen; praketako sakelan gorde nuen larrialdietarako. Une hartan, artzain bat agertu zen, ardiekin batera, eta aztoratu egin ninduen ozen galdetuz: —Speckyri zer gertatu zaiok? —Ohatzean duk, marranta ederra bildurik —erantzun nion, eta artzainak aurrera jarraitu zuen… Eguerdi aldera, auto handi batek muinoan behera egin zuen, nire ondoan lasai pasatu zen eta, ehun eta berrogei bat metro aurrerago, gelditu egin zen. Hiru bidaiari jaitsi ziren, nagiak ateratzeko itxurak egiten, eta niregana etorri ziren lasai. Haietako bi Gallowayko ostatuko leihotik ikusi nituen: bata argala, zorrotza eta iluna; bestea lasaia eta irribarretsua. Hirugarrenak landako gizonen itxura zuen, albaitaria izan zitekeen, beharbada, edo baserritarra. Gaizki egindako bonbatxoak zeramatzan eta begiak oilo batenak bezain distiratsuak eta mesfidatiak. —Egun on —esan zidan azkenak—. Lan erraza duk hirea. Hurbiltzen ari zirela ez nien begiratu, eta orain, niri hitz egin ondoren, motel eta min handiz, bizkarra altxatu nuen, bide-langile batek egingo lukeen gisa. Gogoz, listua bota nuen, eskoziar baldarrek egiten duten modura, eta irmo begiratu nien erantzunik eman baino lehen. Ikusten nituen sei begiek ez zuten ezer galtzen. —Lan hau baino pisuagoak badira, baita hobeak ere —serio esan nien—. Nahiago nikek zuen lana ukan, eta egun osoa ipurdia kuxin horien gainean jarririk ukan. Zuek eta zuen auto handiek nire errepideak funditzen dituzue! Gauzak zuzenak balira, funditzen duzuena konpondu beharko zenukete. Begi distiratsuak zituenak Turnbullen fardelaren ondoan zegoen egunkariari begiratu zion. —Egunkariak tenoreko errezibitzen dituk, ezta? —esan zidan. Lasai begiratu nion. —Bo, tenoreko. Egunkari hori joan den larunbatean atera zutela ikusirik, sei egun berantean baino ez nauk. Hartu zuen, data irakurri zuen, eta han utzi berriro. Beste batek nire botak ikusi zituen, eta hitz egiten ari zenari begiratzeko esan zion alemanez. —Botetarako gustu fina duk —esan zidan—. Ez zitian kanpañako zapatagin batek egin, ez. —Segur duk —arin erantzun nion—. Londresen egin zitiztean. Iaz ihizira jin zen jaun batek eman zizkidaan. Zein zuan haren izena? —Buruan hatz egin nuen, memoria deika bezala. Argalak alemanez hitz egin zuen berriro. —Jarrai dezagun —esan zuen—. Gizon hau garbi dago. Azken galdera bat egin zidaten. —Goiz goizean, hemen norbait ikusi duk? Bizikletaz edo oinez jinen zuan. Tranpan erori nintzen ia, eta egunsenti grisean txirrindulari bat azkar pasatu zela esan. Aitzitik, arriskuari garaiz antzeman nion. Sakon pentsatzen aritzearen plantak egin nituen. —Ez nauk biziki goiz iratzarri —esan nien—. Gauza duk barda alaba ezkondu zela, eta berant oheratu ginela. Etxeko atea zazpiak irian ireki nian eta orduan ez zagoken nehor errepidean. Orduz geroztik, okina, Ruchilleko artzaina eta zuez gain, ez duk nehor hona jin. Haietako batek zigarro bat eman zidan eta, kontuz usaindu ondoren, Turnbullen fardelean sartu nuen. Autoan sartu ziren eta, hiru minutu geroago, bistatik desagertu. Bihotzean arindura itzela sentitu nuen, baina harriak garraiatzen jarraitu nuen. Eskerrak, hamar minutu geroago autoa itzuli baitzen, eta bidaiari batek eskuz agurtu baininduen. Jende horrek ez zuen ezer zoriaren mende uzten. Turnbullen opilak eta gazta bukatu nituen eta, laster, harriak ere bai. Ondoren ez nekien zer egin behar nuen. Ezin nuen errepidea konpontzen luze jarraitu. Jainko errukitsu batek Turnbull jauna etxe barruan mantendu zuen; baina, agertuz gero, arazoak izango nituzkeen. Irudipena nuen lerro estu zegoela haranaren inguruan eta, edozein norabidetan ibiliz gero, galderak egingo zizkidaten. Hala ere, atera egin behar nuen. Ez dago espioien begiradapean lasai egon daitekeenik egun bat baino denbora luzeagoz. Lanpostuan, bostak arte geratu nintzen. Ordurako, erabakia nuen iluntzean Turnbullen etxolara joango nintzela eta, gauean, muinoak gurutzatzen saiatuko nintzen. Baina, bat-batean, beste auto bat errepidean gora agertu zen eta niregandik metro batera edo bi metrora gelditu zen. Haize freskoa zebilen eta bidaiariak zigarroa piztu nahi zuen. Turismoa zen eta maletategia fardelez beteta zeukan. Gizon bat zegoen barruan eta, kasualitate itzelez, ezagutzen nuen. Marmaduke Jopley zuen izena eta iraina zen kreaziorako. Broker odol zurrupatzailea zen. Oinordekoak, aristokrata gazteak eta emakume zahar tuntunak limurtzen zituen. “Marmie” oso ezaguna zen, antza denez, dantzaldietan, polo-partidetan eta opor-etxeetan. Bazekien zurrumurruak trebetasun handiz hedatzen eta edozein tituludun edota aberatsengana katuka hurbil zitekeen. Londresera iritsi nintzenean, haren enpresa ezagutzera eraman ninduten eta, jator-jator, haren klubean afaltzera gonbidatu ninduen. Han, bere burua nabarmentzen aritu zen eta dukesen gainean hitz egin zuen, haren esnobismoak zorabiatu ninduen arte. Gero, beste bati galdetu nion zergatik ez zuen inork jipoitzen: esan zidan ingelesek sexu ahula errespetatzen dutela. Nire aurrean zegoen orduan, dotore jantzita eta auto eder berri batean, lagun elegante batzuei bisita egiteko bidaian, ziur aski. Bat-batean erotu egin nintzen, autoan sartu nintzen saltoka eta sorbaldatik heldu nion. —Kaixo, Jopley —esan nion—. Aspaldiko partez, motel! Beldurtu zen oso. Niri begiratu, eta ahozabalik geratu zen. —Nor demontre zara? — esan zidan kostata. —Hannay dut izena —erantzun nion—. Rhodesiakoa, gogoratzen? —Jainkoarren, hiltzailea! — esan zuen itota. —Horixe. Eta, adiskide, esaten dizudana egiten ez baduzu, bigarren hilketa bat izango dugu. Eman iezadazu beroki hori, baita txanoa ere. Esan niona egin zuen, beldurrez itsututa zegoen eta. Nire praka zikinaren eta alkandora arruntaren gainean, haren beroki dotorea jantzi nuen: botoiak goraino iristen ziren eta, horrela, nire lepokoaren gabeziak ezkutatzen zituen. Txanoa buruan jarri nuen eta eskularruak gehitu nizkion mozorroari. Minutu batean, hautsez betetako bide-langilea Eskoziako gidari txukun bilakatu zen. Jopley jaunari Turnbullen txano aipaezina jarri nion buru gainean, eta jarrita uzteko esan. Orduan, zailtasunez, autoa biratu nuen. Nire plana zen hura etorritako errepide beretik itzultzea: zelatariek, autoa lehendik ikusia zutelako, seguruenik ezer esan gabe pasatzen utziko zioten, nahiz eta Marnieren gorpuzkera nirearen modukoa ez izan. —Eta orain, txiki —esan nion—, geldirik egon eta ondo portatu. Ez dizut kalterik egingo. Ordubetez edo biz autoa hartuko dizut, gehiagorik ez. Baina zer edo zer egiten baduzu eta, batez ere, ahoa irekitzen baduzu, Jainkoak daki lepoa moztuko dizudala. Ulertzen? Iluntze horretako bidaiarekin, gozatu egin nuen. Haranean, hamabost kilometro egin genituen, herrixka pare bat gurutzatu, eta itxura bitxiko pertsona batzuk ikusi nituen bideen ertzetan. Zelatariak izango ziren eta ni beste mota bateko arroparekin edo beste konpainia batekin ikusiz gero, gauza asko esango zizkidaten. Aitzitik, gauzak horrela, jakin-minik gabe begiratu zidaten. Batek begirunez ukitu zuen txanoa, eta nik, heziera onez, erantzun egin nion. Iluntzen ari zela, haran txiki batean sartu ginen. Mapatik gogoratzen nuen biztanleria gutxiko muino batzuetara joaten zela. Laster, herrixkak atzean utzi genituen, gero etxaldetxoak eta, azkenean, bide ertzetan zeuden etxolak. Gero, landa bakarti batera iritsi ginen; gauak lokatz-putzuen ilunabarreko distira iluntzen zuen. Gelditu egin ginen eta nik, adeitsu, autoa biratu eta Jopley jaunari gauzak itzuli nizkion. —Mila esker —esan nion—. Uste nuen baino gehiagorako balio duzu. Eta, orain, zoaz poliziarengana. Muino hartan eseri nintzen, autoaren atzeko argiak desagertzen ikustera, eta pentsatzen hasi nintzen zenbat delitu-mota probatuta neuzkan. Gehienen ustearen aurka, ez nintzen hiltzailea; baina izugarrizko gezurtia bihurtua nintzen, baita iruzurti lotsagabea eta auto garestiak maite zituen bide-lapurra ere. 6 - Arkeologo burusoilaren abentura Malda hartako ordekatxo batean igaro nuen gaua, harri batek babestuta, non txilar luze eta leuna hazten baitzen. Gau hotza zen eta ez nuen jakarik, ezta txalekorik ere. Turnbull jaunak zituen jantziak, baita Scudderren liburuxka, nire ordularia eta, okerrena, nire pipa eta tabako-kutxa ere. Dirua baino ez nuen gerrikoan, eta berrehun bat gramo jengibre galleta. Galleten erdia afaldu nuen eta, txilarretan sakon murgilduta, berotasun pixka bat lortu nuen. Animatuta nengoen eta ezkutaketa-jolas ero horrekin gozatzen hasia nintzen. Ordura arte izandako zorte ona miraria izan zen. Esneketaria, ostalari literarioa, Sir Harry, errepide-langilea, Marmie memeloa… merezi ote nuen hain zorte ona? Hasieran izandako arrakasta horrek sentiarazi zidan helburua lortuko nuela. Arazo nagusia zen oso gose nintzela. Cityn aberats batek bere buruaz beste egiten duenean, egunkariek jakinarazten dute hildakoa “ondo elikatua” zegoela. Gogoratzen dut pentsatu nuela lokatz-zulo batean hilko banintz ez ninduketela ondo elikatutzat hartuko. Etzanda, nire burua torturatu nuen Londresen horren gutxi estimatu nuen janari onaren memoriarekin. Jengibre galletek barruko zuloa handitu baino ez zuten egin. Paddockek prestatzen zituen saltxitxa kirrikatsuak, usain oneko hirugihar zati finak eta ur irakinetan egindako arrautza ederrak. Zenbat aldiz muzin egin nien! Klubean egiten zituzten txuletak eta hestebeteen mahaian egoten zen urdaiazpiko hura… nire arima haien irrikan zegoen. Elikagai guzti-guztiekin gogoratzen nintzen eta, azkenean, parrillan egindako xerra eta litro bat garagardo aukeratu nituen eta, azkenbururako, welsh rabbit. Ezinezko plazer horien grinaz, loak hartu ninduen. Egunsentitik ordubete igarota zegoela, hotzak hilik eta zurrun esnatu nintzen. Une bat behar izan nuen non nengoen gogoratzeko, bezperan oso nekatuta bainengoen eta sakon egin bainuen lo. Lehen orduko zeru urdin argia ikusi nuen txilarren azpitik, gero muino baten profila eta, azkenean, nire botak ahabia-zuhaixka baten azpian, txukun-txukun. Besoen gainean bermatuta altxatu nintzen eta goitik begiratu nion haranari. Ikusi nuenak lokarriak abiadura eroz lotarazi zidan. Behealdean, gizon batzuk zeuden. Nigandik laurehun metrora baino ez zeuden, muino gainean haize-errotak bezala sakabanatuta eta txilarrak kolpez joka. Marmiek ez zuen bere mendekua lortzeko itxaron. Ordekatxo horretatik, katuka atera nintzen arroka batek ezkutatuta eta sakonera txikiko lubaki batean zehar sartu nintzen, hura mendian gora joaten zen. Erreka baten trokara iritsi nintzen eta gailurrera igo nintzen, baldarki. Hortik, atzera begiratu nuen eta ikusi nuen momentuz ez nindutela ikusia. Nire atzetik zetozenak kontu handiz miatzen ari ziren aldapa eta gora zihoazen. Zeruertzaren atzetik, zortzi ehun bat metroz egin nuen korrika, ustez haranaren lekurik altuenaren gainera iritsi arte. Orduan, agerian geratu nintzen eta, berehalakoan, nire harrapatzaileetako batek ikusi egin ninduen eta bestei jakinarazi zien. Behetik zetozen oihuak entzun nituen eta ikusi nuen bilaketak norabidea aldatu zuela. Gailurretik atzera joateko keinua egin nuen, baina, horren ordez, etorri nintzen bidetik itzuli nintzen eta, hogei minutu geroago, lo egin nuen lekuaren gainean nengoen. Talaia hartatik, kontent ikusi nuen ehiza-taldea haranaren goialdean azkar joaten ari zela, arrasto faltsuaren atzetik. Aurrean, hainbat bide nituen aukeran, eta gailur harekin angelua egiten zuen beste gainalde bat hartu nuen. Horrela, etsaien eta nire artean, haran sakona izango nuen. Antza, mugitzeak odola berotu zidan eta primeran pasatzen ari nintzen. Gelditu gabe, geratzen zitzaizkidan jengibre-galleta hautseztatuak gosaldu nituen. Inguruaren gainean, oso informazio gutxi nuen eta ez nekien zer egin behar nuen. Nire hanken indarrez fidatzen nintzen, baina nire atzetik zetozenek ingurua ondo ezagutuko zuten eta nire ezjakintasuna oztopo handia izango zen. Aurrean, amaigabeko gainak ikusten nituen. Hegoalderantz, altuera askoz handiagokoak ziren, baina iparralderantz gailurrak zabalak ziren, sakonera txikiko haran zabalek banatuta. Ikusten nuenarengatik, gutxi gorabehera bi kilometrora, aukeratutako gailurrak behera egiten zuen eta han landa bat zegoen, haran arteko sakela bat balitz bezala. Beste edozein norabide bezain ona zirudien. Nire amarruak abantaila ona eman izan zidan —hogei bat minutu—, eta haran oso baten zabalera nuen atzean, harrapatzaileen buruak ikusi arte. Argi zegoen poliziak bertakoen laguntza eskatu zuela eta ikusten nituen gizonek artzainak edota basozainak ziruditen. Ikusi nindutenean, oihu egin zuten eta esku batekin agurtu nituen. Haietako bi haranean barneratu ziren eta nire gailurrera igotzen hasi ziren; besteak euren lekuan geratu ziren. Harrapaketa-jolasean dabiltzan eskola-umeen gisara genbiltzan. Hala ere, laster galdu zuen jolas itxura. Nire atzetik zeuden gizonak indartsuak ziren, tokikoen tankeran. Atzera begiratu nuen, eta hiru bakarrik zetozen nire atzetik zuzenean; ziur aski, besteek zirkuitu bat egingo zuten, niri bidea mozteko. Ingurua ez ezagutzeak hondamena ekar zidakeen eta erabaki nuen haran-korapilo hartatik atera behar nuela, eta landa-sakelan sartu. Distantzia nahikoa handitu behar nuen haiek gainetik kentzeko eta uste nuen, inguru egokia aurkituz gero, lor nezakeela. Zuhaitz batzuk aurkitu izan banitu, horietan ezkutatzen saiatuko nintzatekeen; baina, aldapa biluzi horietan, euli bat kilometro batera ikus zitekeen. Itxaropena hanken luzeran eta arnasaren indarrean jarri behar nuen; baina, hori egiteko, lur errazagoa behar nuen, ez bainaiz mendizale petoa. Hego Afrikako poney on bat izango banu! Biziki bizkortu nuen erritmoa, gailurretik jaitsi nintzen eta landara iritsi nire atzeko zeruertzean inor agertu baino lehen. Erreka bat gurutzatu nuen eta errepide batera iritsi nintzen; bi haran lotzen zituen mendate bat osatzen zuen. Nire aurrean, txilardi handi bat zegoen, zuhaitz zaharrez zipriztindutako gailurrean gora zihoana. Errepide ondoko hesian, ate bat zegoen eta, hortik, belarrak estalitako bidexka batek landaren lehengo zatia gurutzatzen zuen. Hesiaren beste aldera salto egin, eta bideari jarraitu nion. Ehun metro ingurura, belarra desagertu zen, eta bidexka errepide ona bihurtu. Argi zegoen norbaitek zaintzen zuela. Ziur nengoen etxe batera helduko zela eta erabaki nuen ni ere etxe horretara joango nintzela. Ordura arte, zortea aldekoa izan nuen eta, beharbada, nire aukerarik onena urrutiko bizileku hori izango zen. Dena dela, zuhaitzak bazeuden eta, horiekin, ezkutatzeko aterpea ere bai. Ez nuen errepidetik jarraitu, eskuinetara zegoen erreka ondotik baizik. Garo altua hazten zen han eta, horrekin eta ibar garaiekin, nahiko holtz ona nuen. Erabaki ona izan zen: sakonunera iritsi bezain pronto atzera begiratu, eta jazarleak utzi berri nuen gailurra gurutzatzen ikusi bainituen. Horren ondoren ez nuen berriro atzera begiratu, ez nuen astirik. Erreka ondotik korrika abiatu nintzen, leku irekietan katuka eta, askotan, sakonera txikiko errekaren gainean. Etxola abandonatu bat aurkitu nuen, zohikatz-tontor zaharrez eta basati bihurtutako lorategi batez inguratua. Gero, belar berriaren artetik sartu nintzen eta, laster, haizeak zigortutako izeidi baten ertzera iritsi. Hortik, ehun bat metrora, kea zerien etxe baten tximiniak ikusi nituen ezkerretara. Errekatik urrun nintzen, beste hesi batean gora jauzi eta, konturatu baino lehen, belardi latz baten gainean nengoen. Atzera begiratuz ikusi nuen jazarleen bistatik kanpo nengoela. Momentuz, ez zuten landaren lehenbiziko igoera gainditu. Belardia oso leku latza zen. Igitai batekin moztuta zegoen, makina erabili ordez, eta narriatutako errododendroak zituen parterretan. Hegazti beltz pare bat —ezohikoak lorategietan— ni hurbiltzearekin aireratu ziren. Aurrean nuen etxea landako etxalde ohikoa zen, baina karez zuritutako hegal handiustea gehitua zioten. Hegal horri kristalezko karrerape bat jarri zioten, eta, kristaletik, lasaitasunez niri begira zegoen gizon adinduna ikusi nuen. Mendiaren legar latzezko ertza gurutzatu nuen eta irekita zegoen karrerapearen atetik sartu nintzen. Barruan, gela atsegin bat zegoen: alde bat kristalezkoa zen eta, bestean, milaka liburu zeuden. Barrualdeko beste gela batean, beste liburu batzuk zeuden. Zoruaren gainean, mahiaren ordez, museoetan ikusten diren erakusketa-kutxak zeuden, txanponez eta harrizko gailu bitxiez beteta. Gelaren erdian, belaunentzako hutsunea zuen idazmahai bat zegoen eta, zenbait paper eta irekitako liburukiak aurrean zituela, borondate oneko gizon adinduna. Aurpegia biribila eta distiratsua zuen, Pickwick jaunaren antzera, eta betaurreko handiak zituen sudur-muturrean. Buruaren gainazala beirazko botila bat bezain distiratsu eta biluzia zuen. Sartu nintzenean, ez zen batere-batere mugitu; baina bekain lasaiak altxatu zituen eta nire hitzen zain geratu zen. Bost minutu baino ez nituen ezezagun bati nor nintzen eta zer behar nuen azaltzeko, eta hori ez zen erraza. Ez nintzen saiatu ere egin. Aurrean nuen gizonaren begiak hain ziren zuhur eta jakintsu, ezen ezin bainuen hitzik ere aurkitu. Hari begira geratu nintzen eta totelka hasi nintzen. —Badirudi presaka zabiltzala, lagun hori— esan zidan astiro. Leihora begiratzeko keinua egin nion buruarekin. Zuhaitz arteko hutsune batetik, landa ikusten zen eta han, zortziehun bat metrora, zenbait gizon txilarren erditik hurbiltzen. —A, ulertzen dut —esan zidan eta prismatikoak hartu zituen pertsona horiek pazientziaz aztertzeko. —Justiziatik ihesi zabiltza, orduan? Bueno, horren gainean lasai hitz egingo dugu. Momentuz, ez zait ondo iruditzen mendialdeko polizia traketsek nire pribatutasuna apurtzea. Liburutegian sartu eta, parean, bi ate ikusiko dituzu. Ezkerrekoan sartu eta zure atzetik itxi. Erabat seguru egongo zara. Eta aparteko gizon hark idazluma hartu zuen berriro. Esan zidana egin nuen eta gela txiki batean sartu nintzen. Gai kimikoen usaina zegoen eta argia hormako goialdean zegoen leihotik sartzen zen bakarrik. Atea nire atzetik itxi zen, klik batekin, kutxa gotor baten antzera. Berriro ere, espero ez nuen babesleku bat aurkitu nuen. Hala ere, ez nengoen eroso. Jaun zaharrak bazuen harritzen eta hein batean beldurtzen ninduen zerbait. Lasaiegi eta prestuegi zegoen, nire zain egon balitz bezala kasik. Eta begi azkar horiek izutzekoak ziren. Leku ilun horretan ez nuen soinurik entzuten. Nik nekiela, bazitekeen polizia etxea aztertzen aritzea eta, hala izanez gero, atearen atzean zer zegoen jakin nahiko zuketen. Saiatu nintzen pazientzia izaten eta nire gose biziaz ahazten. Orduan, jarrera baikorragoa hartu nuen. Jaun zaharrak nekez ukatuko zidakeen otordu bat. Hirugiharrarekin eta arrautzekin nahiko izango nukeen, baina kilo bat hirugihar eta berrogeita hamar arrautza beharko nituzkeen. Otorduarekin pentsatzen ahogozoa egiten zitzaidala, klik bat entzun nuen eta atea ireki zen. Eguzki-argitara atera nintzen eta etxeko jabea besaulki sakon batean eserita aurkitu nuen, liburutegi esaten zion horretan niri so, begiak jakin-minarekin distiratsu. —Joan egin dira? — galdetu nion. —Joan dira, bai. Mendia zeharkatu duzula sinetsarazi diet. Ez dut gustuko polizia nire eta ohore handiz hartu nahi dudan pertsona baten artean sartzea. Zorte handiko goiza da hau zuretzat, Richard Hannay jauna. Hitz egiten zuela, betazalek dar-dar egiten zioten eta begi gris zorrotzak erdi estaltzen zituzten. Tupustean, Scudderren esaldi batekin gogoratu nintzen. Munduan gehien izutzen zuen gizona deskribatzen ari zenean, honela esan zidan: “Begiak belatz batek bezala ezkuta zitzakeela”. Orduan, ulertu nuen etsaiaren egoitzan sartu nintzela. Gaizkile zaharra itotzea eta kanpora abiatzea izan zen nire aurreneko ideia. Nire asmoari aurrea hartu zion, ordea. Irribarre txikia zuen, eta, buruarekin, nire atzean zegoen ate aldera egin zuen keinu. Bira egin nuen eta pistolaz hornitutako bi zerbitzari ikusi nituen. Bazekien nire izena, baina ez ninduen aurretiaz inoiz ikusi. Horrekin konturatu nintzenean, aukera txiki bat ikusi nuen. —Ez dakit zer esan nahi duzun —esan nion haserre—. Zein da Richard Hannay hori? Nire izena Ainslie da. —A, bai? —esan zidan, irribarrea galdu gabe—. Eta beste izen batzuk ere badituzu. Baina ez dugu horri buruz eztabaidatuko. Lasaitasuna berreskuratzen hasi nintzen, eta ohartu nintzen arropak ez ninduela salatuko, jakarik, txalekorik eta lepokorik ez bainuen. Amorru aurpegia jarri nion, eta sorbaldak jaso nituen. —Beraz, azkenean, poliziara bidaliko nauzu eta zikin jokatzea da hori. Arraioa, auto hori ikusi nuen unea madarikatzen dut! Hartu dirua eta zoaz pikutara! —eta lau libera bota nituen mahai gainera. Begiak ireki zituen pixka bat. —Ez, ez, ez zaitut entregatuko. Nire lagunek, zuk eta laurok akordio pribatu bat egingo dugu, hori da dena. Gehiegitxo dakizu, Hannay jauna. Antzezle bizkorra zara, baina ez da nahikoa. Ziurtasunez hitz egin zuen, baina zalantza bat sortzen ari zitzaiola ikusi nuen.—Jainkoarren, utzi hitz egiteari behingoz —oihu egin nion—. Den-dena nire aurka dago. Leithen lurreratu nintzenetik, ez dut zorte izpirik ere izan. Horren txarra al da gosez dagoen gizajo batek suntsitutako auto batetik dirua hartzea? Horixe da nik egin dudan gauza bakarra eta horregatik polizia malapartatu horiek nire atzetik ibili dira azken bi egunotan, mendian gora, mendian behera. Nazkatua nago, bai horixe. Nahi duzuna egin, agure! Ned Ainsliek ez du borrokan jarraitzeko gogorik. Zalantza handitzen ari zitzaiola ikusi nuen. —Mesede bat, kontatuko didazu zer egin duzun azken egunotan? —galdetu zidan. —Ezin dut, jauna —erantzun nion gizajo baten ahots kexatiarekin—. Bi egunotan ez dut ezer jan. Jateko pixka bat eman, eta benetako egia entzungo duzu gero. Ziurrenik, gosea aurpegian nabaritzen zitzaidan, atarian zeuden gizonetako bati seinale bat egin baitzion. Haragi-pastel zati hotz bat eta edalontzi bat garagardo ekarri zituen, eta txerri baten modura irentsi nituen, edo, hobeto esanda, Ned Ainsliek egingo lukeen eran, paper hori bete egin behar nuen eta. Otorduaren erdian, bat-batean, alemanez hitz egin zidan eta zur eta lur geratu izan banintz bezala begiratu nion. Orduan, nire istorioa kontatu nion. Archangel itsasontzitik Leithen lurreratu nintzela zuela astebete, eta anaiarengana abiatu, Wigtownera. Oso diru gutxi nuen —parranda egin nuela eman nion aditzera— eta, ia sosik gabe bidean nengoela, hesi batean zuloa aurkitu eta, handik, auto handi bat ikusi nuen errekan. Gertatutakoa ikustera gerturatu nintzen eta hiru libera aurkitu nituen aulkiaren gainean, eta beste bat, zoruan. Ez zegoen inor, ezta jabearen seinalerik ere; beraz, dirua sakelaratu nuen. Baina polizia nire atzetik hasi zen nonbait. Okindegi batean libera bat aldatzen saiatu nintzenean, emakumeak poliziari deitu zion eta, hortik pixka batera, aurpegia erreka batean garbitzen ari nintzela, harrapatzeko zorian egon ziren, eta, ihes egiteko, jaka eta txalekoa han utzi behar izan nituen. —Dirua har dezatela! —oihu egin nuen—. Niri ez dit ezer onik ekarri. Madarikatu horiek gizon gaixo bati jazartzen ari zaizkio. Zuk liberak aurkitu izan bazenitu jauna, inork ez lizuke arazorik sortuko. —Gezur-kontalari ona zara, Hannay —esan zidan. Neure onetik atera ninduen. —Txantxekin nahikoa da, demontre! Izena Ainslie dudala esan dizut eta bizitza osoan ez dut Hannay izenekorik ezagutu. Nahiago nuke polizia zu eta zure Hannaytarrak eta pistoladun tximino horiek baino. Ez, jauna, barkatu, ez nuen hori esan nahi. Janaria asko eskertzen dizut eta, orain, nire atzetik datozenek alde egin dutenez, eskertuko dizut joaten uztea. Argi zegoen ez zekiela zer egin. Kontua zen ez ninduela inoiz ikusi eta, segur aski, argazkietako gizonak alde handia zuen une hartan aurrean zuenarekin, argazkirik ikusi bazuen noizbait. Londresen dotore jantzita joaten nintzen eta, orain, benetako eskalea ematen nuen. —Ez dut joaten uzteko asmorik. Esan duzuna egia bada, laster izango duzu hori baieztatzea. Baina nik uste dudana bazara, ez dut uste luze iraungo duzunik bizirik. Txirrina bat jo zuen eta hirugarren zerbitzari bat sartu zen karrerapetik. —Bost minutuan, Lanchester-a hemen nahi dut —esan zion—. Bazkaltzeko hiru izango gara. Orduan, irmo begiratu zidan eta hori izan zen probarik gogorrena. Zerbait bitxia eta maltzurra zuen begietan: hotza, gaiztoa, naturaz gaindikoa eta izugarri adimentsua. Suge baten begi distiratsuek bezala liluratzen ninduten. Gupida izateko erregutu eta haren aldeko bihurtuko nintzela ziurtatzekotan egon nintzen kasik. Afera horretan guztian nituen sentimenduak kontuan hartuta, bulkada erabat fisikoa izan behar zuen, espiritu sendoago batek liluratu eta menperatu duen burmuin baten ahulezia. Baina horri eusten lortu nuen, baita irribarre egiten ere. —Hurrengoan ezagutuko nauzu —esan nion. —Karl —atarian zeuden gizonetako bati alemanez hitz egin zion—, sartu gizon hau biltegian itzultzen naizen arte. Zure ardura izango da. Gelatik atera ninduten, pistola bat belarri bakoitzaren kontra nuela. Biltegia gela hezea zen, etxalde izandako eraikina. Zoru malkarraren gainean ez zegoen alfonbrarik eta, eskola-aulki bat izan ezik, ez zegoen non eseri. Ikatza bezain beltz zegoen, leihoak leiho-atez estalita zeuden eta. Ikusi nuen hormen kontra kutxak, upelak eta gauza astunez betetako zakuak zeudela. Lizunaren eta erabilera faltaren usaina nabaria zen. Kartzelariek giltzez itxi zuten atea eta kanpoan geratu ziren, ni zaintzeko, eta tarteka urratsak sumatzen nituen. Iluntasun heze hartan eseri nintzen, erabat ezkor. Agurea auto batean joan zen aurreko egunean elkarrizketatu ninduten gizonen bila. Haiek errepide-langilez mozorrotuta ikusi ninduten eta nitaz gogoratuko ziren arropa bera neramalako. Zertan ari zen errepide-langile bat lanpostutik hogei kilometrora, poliziak jarraituta? Galdera batek edo bik bide onean jarriko zituzten. Ziur aski, Turnbull jaunarekin egon ziren, baita Marmierekin ere. Sir Harryrekin ere lotuko ninduketen eta, orduan, dena argi baino argiago geratuko zatekeen. Zer aukera nuen landako etxe horretan, hiru gaizkilerekin eta haien zerbitzari armatuekin? Nostalgiaz, poliziarekin gogoratu nintzen; orain nire mamuaren atzetik ibiliko ziren mendietan zehar. Haiek, behintzat, aberkideak eta zintzoak ziren, eta haien errukia atzerritar krudelena baino gozoagoa litzateke. Dena dela, ez zidaketen entzungo. Betazal bereziak zituen deabru zaharrari ez zitzaion denbora luze kostatu haiek uxatzea. Bururatu zitzaidan harreman ilunen bat izango zuela polizia-gorputzarengan. Litekeena zen Gobernuko ministro batzuen gutunak izatea, esanez erabateko laguntza eman behar ziotela Erresuma Batuen aurkako azpijokoetan. Herrialde alai honetan, modu zentzugabe horretan egiten dugu politika. Hirurak bazkaltzeko itzuliko ziren eta, hortaz, itxaroteko bi ordu baino ez nituen. Hondamenaren zain nengoen, ez bainuen korapilo hartatik irteteko biderik ikusten. Scudderren ausardia izan nahi nuen: aitortuko dut ez nintzela oso indartsu sentitzen. Nire haserreak bakarrik eusten zidan zutik. Hiru espioi horiek irabaziko zidatela pentsatzeak sutan jartzen ninduen. Espero nuen gutxienez haietako baten lepoa bihurritzea haiek ni erail baino lehen. Zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta haserreago jartzen nintzen. Gelan atzera eta aurrera ibiltzen hasi nintzen. Leiho-ateak mugitzen saiatu nintzen, baina giltzaz itxita zeuden eta ezin nuen. Kanpoaldean eguzkipean zeuden oilo batzuen kakara ahula entzuten zen. Orduan, zakuen eta kutxen artean miatzen hasi nintzen. Ezin nituen kutxak ireki eta, itxuraz, zakuak txakur-galleten antza zuen kanela-usaineko zerbaitez beteta zeuden. Baina, gelan miatzen ari nintzela, horman eskuleku bat aurkitu nuen eta otu zitzaidan interesgarria izan litekeela hori aztertzea. Horma-armairu baten atea zen —Eskozian “press” deitzen dioten horietako bat—, eta giltzaz itxita zegoen. Astindu nuen eta bazirudien nahiko arina zela. Beste ezer egitekorik ez nuela, indarrak ate horren kontra kontzentratu nituen. Ateari hobeto heltzeko, galtza-uhalak lotu nizkion. Azkenean, zarata handi batekin ireki zen eta pentsatu nuen horrek kartzelariak ohartaraziko zituela eta etorriko zirela zer gertatu zen ikustera. Pixka batez itxaron ondoren, armairuko apalak aztertu nituen. Hainbat gauza bitxi zegoen. Praka baten sakeletan, pospolo batzuk aurkitu nituen eta haietako bat piztu nuen. Segundo bat geroago itzali zen, baina gauza bat erakutsi zidan. Apal batean, bazeuden linterna elektrikoak. Haietako bat hartu nuen eta bazebilen. Linternaz lagunduta, gela hobeki aztertu nuen. Bazeuden usain arraroak zituzten botilak eta kutxak, esperimentuak egiteko gai kimikoak, dudarik gabe; haril batzuk, baita kobrezko kable fina eta zetazko soka koipeztatu ugari ere. Kutxa bat detonagailuz beteta zegoen eta fusible soka asko zegoen. Apalaren atzealdean, kartoizko kutxa potolo bat aurkitu nuen eta, horren barruan, egurrezko kutxa bat. Kostata ireki nuen eta barruan dozena-erdi adreilu txiki gris zeuden, bakoitza hiru bat zentimetro karratukoa. Haietako bat hartu eta ohartu nintzen eskuan erraz birrindu zela. Orduan, usaindu eta mihiaz ukitu nuen. Gero, pentsatzera eseri nintzen. Ez nintzen meatzari-ingeniaria alferrik izan eta banekien lentonita zela. Adreilu horietako batekin, etxea infernura bidal nezakeen. Rhodesian erabili nuen eta haren indarra ezagutzen nuen. Arazoa zen nire jakintzak ez zirela zehatzak. Karga egokiak zenbatekoa behar zuen eta hura nola prestatu ahaztuta neuzkan; eta denborari zegokionez ere, zalantzak neuzkan. Indarraren gainean ez nuen oso ideia zehatzik; baliatua nuen bai, baina ez nuen nik neuk neure eskuekin maneiatu. Hala ere, irtenbide bat zen, eta nuen irtenbide bakarra, gainera. Bai, arriskua itzela zen; baina, bestela, etorkizun beltza baino ez zegoen. Erabiliz gero, banekien ehuneko laurogeiko probabilitatea nuela nire burua zuhaitzen goialdera bidaltzeko; baina, erabili ezean, ilundu baino lehen, lorategian lurperatuta egon nintzen, bi metroko zuloan. Horrela pentsatu behar nuen. Aurreikuspen biak txarrak ziren; baina bazegoen aukera bat, bai niretzat baita nire aberriarentzat ere. Scudderrekin gogoratzean, erabakia hartu nuen. Nire bizitzako momenturik txarrenetako bat izan zen, ez bainaiz batere ona erabakiak hotzetan hartzen. Aitzitik, bihotz hartu eta balentriari ekin nion, pentsamendu ezatseginak baztertuta. Burua hustu nuen eta nire baitari sinetsarazi nion su artifizialekin esperimentatzen dabilen umea nintzela. Detonagailu bat hartu, eta bost zentimetro fusiblea lotu nion. Orduan, lentonitazko adreilu-laurdena hartu nuen eta, atetik gertu, zaku baten azpian lurperatu nuen, zoruan zegoen zirrikitu batean. Detonagailua lotu nion. Ordura arte ikusitakoaren arabera, kutxa haien erdia dinamita izan zitekeen. Armairuan lehergai hilkorrak bazeuden, zergatik ez kutxetan? Horrela izanez gero, zerurako bidaia zoragarria izango nuen, baita zerbitzari alemaniarrek ere, eta inguruko landaren hektarea batek-edo. Beste arrisku bat ere bazegoen: eztandak armairuan zeuden beste adreiluak ere leherraraztea, alegia. Lentonitari buruzko ia dena ahaztuta neukan. Dena dela, aukera horien gainean pentsatzea ez zitzaidan komeni. Apustu txarra zen; baina onartu egin behar nuen. Leiho-ertz azpian ezkutatu nintzen, eta fusiblea piztu. Momentu batez itxaron nuen. Isiltasuna erabatekoa zen. Korridoreko bota astunak eta kanpoan eguzkipean zeuden oiloen kakara baino ez ziren entzuten. Jainkoari nire arima zaintzeko eskatu nion, eta neure buruari galdetu nion handik bost segundora non egongo ote nintzen… Zorutik bero-uhin izugarria igo, eta airean geldi geratu zen istant larri batez. Orduan, parean neukan hormak eztanda egin zuen, urre koloreko horia hartuta, eta burrunba izugarri batekin desegin zen. Zaratak burmuina astindu zidan, ahi bihurtu arte. Zerbait erori zitzaidan gainera, eta ezkerreko sorbaldaren gainaldea harrapatu. Eta uste dut orduan konortea galdu nuela. Horrek segundo batzuez baino ez zuen iraun. Ke hori eta trinkoak itotzen ninduen, baina lortu nuen zutik jartzea, hankapean nituen hondakinetan artean. Nire atzean, airea sentitu nuen. Leihozangoak erori egin ziren eta, zulo zakar horretatik, keak udaldiko eguerdia inbaditzen zuen. Ateburu apurtutik atera, eta patio batera iritsi nintzen, laino trinko eta garratz batez inguratuta. Gaixorik eta zorabiatuta sentitzen nintzen, baina gorputz-adarrak mugi nitzakeen eta itsumustuka aldendu nintzen etxetik. Patioko beste aldean, errota kanal labur batek egurrezko ubide batera ematen zuen eta horretan erori nintzen. Ur freskoak suspertu ninduen eta ihes egiteko buru nahikoa nuen. Kanalean, mugimendu txikiz ibili nintzen, lohi berde irristakorrean zehar, errotako gurpileraino iritsi arte. Orduan, ardatz zuloan zehar bultzatu nuen gorputza, errota zaharrean sartu nintzen, eta lasto gainean erori. Iltze batek praken atzealdea katigatu zuen, eta tweed zati bat utzi nuen. Errota aspaldi erabili gabekoa zen. Eskailerak urteengatik ustelduta zeuden, eta arratoiek zulo handiak egin zituzten ganbarako zoruan. Goragalea nuen, buruan, gurpil batek bira eta bira egiten zuen, eta ezkerreko sorbalda eta besoa paralizatuta neuzkan. Leihotik begiratu nuen. Etxea lainoz inguratuta zegoen, eta, goiko leiho batetik, kea ateratzen zen. Goiko Jauna! Etxeari sua eman nion, eta beste aldetik zetozen ahots nahasiak entzuten nituen. Baina ezin nintzen hor geratu, argi zegoen errota ez zela ezkutatzeko leku ona. Nire bila zebilen edozeinek kanalari jarraituko ziokeen eta, nire gorputza biltegian ez aurkitzean, bila hasiko ziren. Beste leiho batetik ikusi nuen errotatik harago harrizko usategi bat zegoela. Haraino iristea banuen, arrastorik utzi gabe, ezkutaleku ona izan zitekeen. Mugitzeko gai nintzela ustez gero, landetara joan nintzela ondorioztatuko zuten, eta han bilatuko ninduten. Apurtutako eskaileran behera joan nintzen motel eta, oinatzak estaltzeko, lastoa sakabanatu nuen nire atzean. Gauza bera egin nuen errotako zoruan, baita erlaitzean ere; atea banda apurtutik zintzilika zegoen han. Ezkutalekutik begiratu nuen eta ikusi nuen usategiaren eta nire artean zegoen lurra harzolaz eginda zegoela. Oinatzak ez ziren hor nabarituko. Gainera, errotari esker, ez zen etxetik ikusten.Tarte hori azkar gurutzatu nuen, usategiko atzealdera iritsi, eta nola igo aztertu nuen. Inoiz egin dudan lanik zailenetako bat izan zen. Sorbaldan eta besoan, izugarrizko mina nuen, eta hain nengoen gaixo eta zorabiatuta, ezen edozein unetan erortzeko zorian bainengoen. Baina nola edo hala lortu nuen. Aterata zeuden harri batzuk, hargintzaren zirrikituak eta huntz-sustrai gogor bat erabiliz, goraino iritsi nintzen. Karel txiki bat zegoen eta han etzan nintzen. Orduan, konortea galdu nuen pixkanaka, aspaldi egiten zen gisa. Esnatu nintzenean, burua sutan nuen eta eguzkia, begietan. Luze geratu nintzen mugitu gabe. Antza, ke nazkagarri horrek gorputz-adarrak ahuldu zizkidan, baita burumuina baldartu ere. Etxetik zetozen zaratak entzun nituen. Gizonak haserre hitz egiten ari ziren eta geldirik zegoen auto baten bibrazioari ere antzeman nion. Karelean zirrikitu txiki bat zegoen, mugimendu txikiez gerturatu nintzen eta, handik, patioaren zati bat ikus nezakeen. Gizon batzuk etxetik ateratzen ikusi nituen: burua bendaz lotuta zuen zerbitzari bat eta bonbatxoez jantzita zegoen gizon gazteago bat. Zerbaiten bila zebiltzan eta errotarantz joan ziren. Orduan haietako batek iltzean zegoen oihal-zatia ikusi zuen eta besteari oihu egin zion. Biak etxera itzuli ziren eta beste bi gizon ekarri zituzten oihala ikustera. Nire harrapatzaile ohiaren gorpuzkera biribila ikusi nuen, baita zizipaza egiten zuen gizona ere. Konturatu nintzen guztiek pistolak zituztela. Ordu-erdi igaro zuten errota arpilatzen. Handik entzun nuen upelak ostikoz bota eta ohol ustelduak nola altxatzen zituzten. Orduan, atera egin ziren eta usategiaren ondoan geratu, eztabaida garratz batean. Benda zuen zerbitzariari kargu hartzen ari zitzaizkion. Usategiko atea irekitzen saiatu zirela sumatu nuen eta, une txar batez uste izan nuen igoko zirela. Aitzitik, iritzia aldatu zuten eta etxera itzuli. Arratsalde sargori eta luze hura osoa teilatu gainean igaro nuen. Egarria izan zen torturarik handiena. Mihia idor-idorra nuen eta, hori gutxi balitz, errotako kanalaren uraren jario freskoa entzuten zen. Landatik zetorren erreka txikiari begiratu nion eta, nire buruan, haranaren goialderaino jarraitu nion. Han, iturri izoztu batetik aterako zen, garoz eta goroldioz inguratuta. Mila libera eman izango nituzkeen aurpegia iturri horretan murgiltzearen truke. Landa guztia ondo ikusten nuen. Autoa eta bi bidaiariak azkar aldendu ziren eta gizon bat ekialderantz abiatu zen, poney baten gainean. Nire bila zebiltzala pentsatu nuen eta bilaketa horretan zortea opa nien. Baina hori baino gauza interesgarriago bat ikusi nuen. Etxea gailur gainean zegoen ia eta hori baino lur altuagorik ez zegoen hamar kilometrora zeuden mendi handietaraino. Gailurra bera, lehen aipatu bezala, zuhaizti txikia zen. Gehienak izeiak ziren, lizar batzuk bazeuden, baita pagoak ere. Usategi gainean, zuhaitzen goialdearen maila berean nengoen eta harago zegoena ikus nezakeen. Basoa ez zen trinkoa, eraztun bat baino ez zen, eta erdialdean belardi obalatua zegoen, kriket zelai baten gisakoa. Ez zitzaidan asko kostatu hori zer zen asmatzea. Aerodromo bat zen, aerodromo sekretua. Lekua adimen handiz aukeratu zuten. Inork hegazkin bat hemen lurreratzen ikusiz gero, pentsatuko zukeen zuhaitzetatik harago zeuden muinoetan gora joan zela. Lekua anfiteatro handi batean erdiko goialde baten gainean zegoenez, edozein lekutatik begiratuta ere, ondoriozta zitekeen muinoen atzean ikuspegitik atera zela. Oso gertu egon behar zuen batek konturatzeko ez zela muinoaren gainetik joan, baso erdian lurreratu baizik. Prismatikoak erabilita eta mendi altuago batean kokatuta ohar zitekeen norbait egiaz; baina artzainak bakarrik joaten ziren haraino eta artzainek ez dute prismatikorik eramaten. Usategitik begiratuta, urrunean, lerro urdin bat ikusten nuen, eta banekien hura itsasoa zela. Etsaiek talaia sekretu hura gure urei behatzeko erabiltzen zutela pentsatze hutsak haserrarazten ninduen. Orduan konturatu nintzen hegazkina itzuliz gero, aukera handia zegoela ni aurkitzeko. Beraz, arratsaldean etzanda geratu nintzen eta ilunabarra noiz etorriko zain gelditu nintzen. Eguzkia mendebaldeko mendien atzetik jaitsi eta landara iluntzea iritsi zenean, poztu egin nintzen. Hegazkina berandu zetorren. Ilunabarra aurreratuta zegoen hegazkina entzun nuenean. Motorra itzalita, baso erdiko argigunera planeatu zuen. Argi batzuk ikusi ziren tarte batez eta etxean joan-etorri ugari izan ziren. Orduan, erabat ilundu zuen eta isilpean geratu zen dena. Eskerrak gau iluna zen. Ilbehera zegoen eta ilargia ez zen berandura arte aterako. Egarriak ez zidan itxaroten uzten eta, beraz, bederatziak aldera jaisten hasi nintzen. Ez zen erraza eta erdibidean nengoela entzun nuen etxeko atzeko atea ireki zela, baita linterna baten argia errotako horman ikusi ere. Minutu mingarri batzuez, huntzetik zintzilik egon nintzen, eta erregutu nuen pertsona hori usategira ez etortzeko. Orduan, argia aldendu zen, eta ahal nuen bezain isilik, nire burua erotzen utzi nuen patioko lur gogorraren gainean. Sabel gainean arrastaka harrizko hesi baten estalpean barna joan nintzen etxea inguratzen zuten zuhaitzen ingurunera iritsi arte. Nola egin jakinez gero, hegazkina zapuzten saiatuko nintzatekeen; baina konturatu nintzen halako edozein saiakera alferrikakoa izango zela. Nahiko ziur nengoen etxe inguruan defentsa-motaren bat egongo zela eta, ondorioz, basoa katuka gurutzatu nuen, bidearen zentimetro guztiak aztertuz. Eskerrak horrela ibili nintzen, lurretik hirurogei bat zentimetrora kable bat aurkitu bainuen. Horrekin estropezu egin izan banu, ziur aski, etxe barruan txirrinen bat joko zukeen eta horrek salatuko nindukeen. Ehun bat metro harago, beste kable bat aurkitu nuen. Trebetasun handiz, erreka txiki baten ertzean zeukaten jarrita. Harago, landa zegoen, eta, bost minutu geroago, garoz eta txilarrez inguratuta nengoen. Laster, gailurrera igo, eta errotako kanala elikatzen zuen ibar txikian nintzen. Handik hamar minutura, aurpegia iturrian sartuta neukan eta litroka irentsi nuen ur zoragarri hura. Baina ez nintzen gelditu bizileku madarikatu horretatik hamar bat kilometrora egon arte. 7 - Errekako arrantzalea Gailur baten gainean eseri nintzen, eta nire egoera analizatu nuen. Ez nengoen oso pozik. Nahiz eta ihes egiten lortzegatik kontent egon,ondoez handia nuen gorputzean. Lentonita-keak zeharo pozoitu ninduen eta usategiko teilatuaren gainean emandako orduek ez zidaten mesederik egin. Buruko min izugarria nuen eta benetan gaixo sentitzen nintzen. Horrez gain, sorbalda gaizki nuen. Hasieran uste nuen ubeldura baino ez zela, baina hanpatzen ari zen, eta ezin nuen ezkerreko besoa erabili. Nire plana Turnbull jaunaren etxolara itzultzea zen. Han, nire arropa berreskuratuko nukeen eta, batez ere, Scudderren liburuxka. Gero, trenbidera abiatuko nintzatekeen eta hegoaldera itzuli. Sir Walter Bullivant, Kanpo Arazoetako Ministerioaren arduradun horrekin zenbat eta azkarrago harremanetan jarri, orduan eta hobeto. Ez nuen ikusten lortutako frogak baino gehiago eskuratzeko modurik. Nire istorioa sinetsiko zukeen edo ez eta, gertatzen zena gertatzen zela, harekin deabru alemaniar horiekin baino hobeto egongo nintzen. Polizia britainiarra jatortzat hartzen hasia nintzen. Gau izartsu ederra zen eta errepidea ez zen zaila. Sir Harryk erakutsitako mapari esker, ingurua pixka bat ezagutzen nuen eta hego-mendebaldera baino pixka bat mendebalderago joatea baino ez nuen. Horrela, errepide-langilea ezagutu nuen errekara iritsiko nintzen. Ez nituen bidaia horretan ikusitako lekuen izenak ezagutzen, baina uste nuen erreka horrek Tweed ibaiaren hasiera izan behar zuela. Kalkulatu nuen hogeita hamar bat kilometrotara nengoela eta, hortaz, ez nintzatekeen goizaldera arte iritsiko. Beraz, egun bat ezkutatuta eman beharko nuen. Nire itxura bitxiegia zen eguzkipean ibiltzeko. Ez nuen jakarik, txalekorik, lepokorik, ezta txanorik ere. Prakak zeharo urratuta neuzkan eta, eztandaren ondorioz, aurpegia eta eskuak belztuta neuzkan. Esan behar da bestelako erakargarririk ere banuela, begiak izugarri narritatuta nituela sentitzen bainuen. Oro har, ez nengoen herritar zintzoek errepidean ikusteko moduan. Egunsentia iritsi bezain pronto, muino gaineko erreka batean garbitzen saiatu nintzen eta gero artzain baten etxola batera hurbildu, janaria behar nuen eta. Artzaina ez zegoen eta emaztea bakarrik aurkitu nuen. Bizilagunik gertuena zortzi bat kilometrotara zegoen. Emakume zahar indartsua zen, baita ausarta ere. Ikusi ninduenean izutu zen arren, aizkora zuen eskura eta, maltzurra nintzela irudituz gero, erabiliko zukeen. Kontatu nion erori egin nintzela —ez nion azaldu nola— eta, itxurarengatik ikusi zuen nahiko gaixorik nengoela. Samariar hutsa zen aldetik, ez zidan galderarik egin. Katilu bat esne eman zidan, whiski pixka batekin, eta pixka batez sukaldeko sutondo ondoan esertzen utzi zidan. Sorbalda garbitu nahi zidan, baina hain minduta zegoenez, ez nion utzi. Ez dakit zertzat hartu ninduen. Beharbada, damututako etxe-lapurtzat. Izan ere, esneagatik ordaindu nahi izan nionean, libera bat eskaini nion —ez nuen hori baino txikiagorik—, eta hark buruarekin ezetz egin, "horretarako eskubidea zutenei eman" edo halako zerbait esan zidan. Horren kontra indartsu egin nion protesta eta, azkenean, zintzoa nintzela sinestarazi eta dirua onartu zuen. Horren truke, plaid berri bat eta senarraren txano zahar bat eman zizkidan. Plaida sorbalden inguruan nola lotu behar nuen erakutsi zidan eta, etxolatik atera nintzenean, Burns bardoaren olerki-liburuetan dauden ilustrazioetako eskoziar baten itxura nuen. Baina, edozein moduz, gutxi gorabehera jantzita nengoen, behintzat. Eskerrak, eguerdia baino lehen eguraldiak euri-jasa ekarri baitzuen. Errekaren bihurgune batean zegoen harkaitz bat hartu nuen babeslekutzat eta, garo zahar batzuekin, nahiko ohe ona prestatu. Gaua baino lehentxeagora arte lo egitea lortu nuen, baina, esnatu nintzenean, gorputza zurrun nuen eta gogo txarrez nengoen. Sorbaldako mina haginetako mina bat bezain latz zen. Emakume adinduak eman zizkidan olo-tarta eta gazta jan nituen eta, erabat ilundu baino lehen, berriz abiatu nintzen. Muino heze artean gau hartan igarotako miseriak labur kontatuko ditut. Ez zegoen izarrik norabidea ikusteko, eta maparen oroitzapenekin, ahal nuena egin behar nuen. Bitan galdu nintzen, eta zohikatzeko lokaztietan hainbatetan erori. Zuzen joanda, hamabost bat kilometro baino ez nituen egin behar baina, akatsen erruz, ia hogeita hamar egin nituen. Azken kilometroak hortzak estututa eta burua hutsik eta zorabiatuta egin nituen. Hala ere, lortu egin nuen eta egunsentia sartu berri zegoela, Turnbull jaunaren atea jo nuen. Lainoa trinkoa zen, eta etxolatik ezin nuen errepidea ikusi. Turnbull jaunak berak ireki zidan atea. Lasai zegoen eta mozkorrik ez. Ondo zaindutako traje zahar beltzaz jantzita zegoen eta bizarra moztuta zuen, bezperan asko jota. Ezkerreko eskuan, biblia txiki bat zeraman. Hasieran, ez ninduen ezagutu. —Nor haiz hi, igande goizean honat etortzeko? —galdetu zidan. Ahaztuta nuen zein egunetan bizi ginen. Beraz, horrela jantzita zegoen igandea zelako. Horren nuen zorabiatuta burua, non ezin bainuen erantzun koherente bat osatu. Orduan, ezagutu ninduen, eta ikusi zuen gaixorik nengoela. —Nire begi-lagunak ba ote dituk? —galdetu zidan. Praken sakelatik atera nizkion eta eman. —Paltoa eta barneko motzaren bila etorri haiz, bistan da —esan zidan. —Sartu, ba. Putxas, mutikoa, ze ahul dituan zangoak! Hago, aulki bat ekarriko diat. Jabetu nintzen malaria-krisi bat izango nuela. Barruan sukar handia nuen eta gau hezeak sorrarazi egin zidan. Horrek, sorbalda eta kearen eragina erantsita, nahiko gaizki sentiarazten ninduen. Konturatu baino lehen, Turnbull jauna arropa kentzen laguntzen ari zitzaidan eta sukaldeko hormetan zeuden bi armairu-ohetako batean sartu ninduen. Zailtasunetan, errepide-langile zaharra benetako laguna zen. Emaztea aspaldi hil zitzaion eta, alaba ezkondu zenetik, bakarrik bizi zen. Hamar egunez, behar nituen zaintza sinple guztiak eman zizkidan. Nik bakea nahi nuen sukarrak bere bidea egiten zuen bitartean. Azala berriz epeldu zitzaidanean, ikusi nuen krisialdiak sorbalda ere sendatu egin zuela, gutxi gorabehera. Dena dela, nahiko krisi latza izan zen eta, nahiz eta bost egun geroago ohetik atera, denbora gehiago behar izan nuen hankak bere onera bueltatu zitezen. Turnbill jauna goizero ateratzen zen, esnea uzten zidan eta atea giltzapetzen zuen. Iluntzean itzultzen zen eta isilik esertzen zen tximinia bazterrean. Inor ez zen etxolara hurbildu. Sendotzen ari nintzela, ez zidan galderarik egin. Batzuetan, bi egun lehenagoko Scotsman bat ekartzen zidan, eta ikusi nuen Portland Placeko Hilketari buruzko jakin-mina lasaitu egin zela. Ez zen aipatu ere egiten eta irakurtzeko ezer gutxi zegoen, Batzar Orokorra zeritzonari buruzko albisteak izan ezik. Ulertu nuenarengatik, eliz parranda edo horrelako bat zen. Orduan, egun batean, giltzaz itxitako tiradera batetik, nire gerrikoa atera zuen. —Sos anitz baduk, ezta? —esan zidan. —Hobe duk kondatzea, ea dena hor den. Ez zidan izena galdetu ere egin. Galdetu nion errepide-lanetan egindako saioaren ondoren norbait etorri zen galderak egitera. —Baa, gizon bat autoz etorri zuan. Galdetu zidaan nire lekua nork hartu zuen egun horretan eta inoxenta nintzela pentsarazi nioan. Baina galdetzen segitzen zian eta, azkenean, Cleucheko nire koinatari buruz ari zela esan nioan, batzuetan laguntzera etortzen zela. Itxura bitxia zian, eta ezin nian haren ingelesa ongi konprenitu. Azken egun horietan, nahiko urduri nengoen eta, nire burua sasoian sentitu bezain pronto, alde egitea erabaki nuen. Hori ekainaren hamabian izan zen eta, zorionez, goiz horretan, behizain bat agertu zen, Moffatera abere batzuk eramaten ari zela. Hislop zuen izena eta Turnbullen laguna zen. Gosaltzera sartu zen etxean eta esan zidan berarekin eramango ninduela. Ni zaintzeagatik, bost libera onartzera behartu nuen Turnbull, eta kostata lortu nuen. Ez dut inoiz gizon hura baino independenteagorik ezagutu. Tematu nintzenean, jarrera zakarra hartu zuen, gero lotsatu eta gorritu zen eta, azkenean, eskerrak eman gabe dirua hartu zidan. Asko zor niola esan nionean, “fabore bat beste baten truk” esan zuen marmarka. Agur esaterakoan, bazirudien elkarrekin haserre geundela. Hislop gizon alaia zen. Mendate osoan eta Annango haran eguzkitsuan zehar hizketan aritu zen. Nik Gallowaygo azokaren eta ardi-salneurrien gainean hitz egin nion eta erabaki zuen ni hango borda-artzaina nintzela; auskalo zer izango den hori. Plaidak eta txano zaharrak, esan bezala, eskoziar itxura nabarmena ematen zidaten. Dena dela, abereak eramatea lan motela da, oso, eta ia egun osoa eman genuen hogei bat kilometro egiteko. Urduri egon izan ez banintz, gozatuko nukeen. Eguraldia urdina eta argitsua zen; paisaian mendixka marroiak eta larre berdeak txandakatzen ziren, eta hegatxabalen, kurlinten eta erreken soinuak entzuten genituen bidaian zehar. Baina burua udalditik urrun nuen eta arreta gutxi ematen nion Hislopen elkarrizketari. Izan ere, zorigaiztoko ekainaren hamabosta hurbiltzen ari zen eta nire ekimenaren zailtasun gaindiezinek zama izugarria jarri zidaten gainean. Moffateko taberna apal batean afaldu nuen eta oinez egin nituen trenbide nagusiko lotunerako hiru kilometroak. Hegoalderako tren azkarra ez zen gauerdira arte iritsiko eta, hortaz, denbora pasatzeko, muino batera joan nintzen lo egitera, ibilaldiak neka-neka egin utzi baininduen. Gehiegi egin nuen lo eta korrika joan behar izan nuen geltokira. Atera baino bi minutu lehenago sartu nintzen trenean. Hirugarren klaseko kuxinek eta tabako zaharraren usainak izugarri alaitu ninduten. Behintzat, orain lanari heltzen hasia nintzela sentitzen nuen. Trenak Crewen utzi ninduen goizaldean, eta sei orduz itxaron behar izan nuen Birminghamerako tren bat hartzeko. Arratsaldean, Readingera iritsi nintzen eta, han, Berkshire-n barrena zihoan aldirietako tren batean sartu nintzen. Larrez eta errekastoz zipriztindutako eskualdea zeharkatu genuen. Iluntzeko zortziak aldera, bidaiek nekatu eta zikindutako izaki bat —laborariaren eta albaitariaren arteko zerbait— atera zen Artinswellgo geltoki txikira, koadrodun plaid zuri-beltza beso gainean zuela —ez nintzen Eskoziako mugaz harago jantzita eramaten ausartzen—. Nasan, bazeuden pertsona batzuk eta uste nuen hobe zela handik urruntzea, norabideak galdetu baino lehen. Errepideak pagadi handi bat gurutzatzen zuen; gero, sakonera txikiko haran batean sartzen zen, eta muino batzuen gailurrak ikusten ziren urruneko zuhaitzen gainetik. Eskozian egon ondoren, aireak usain astuna eta apala zuen, baina oso goxoa, aldi berean: gaztainondoak eta lila-zuhaixkak lorez gainezka zeuden. Zubi batera iritsi nintzen eta, haren azpian, errekasto garbia zebilen lore horien artetik. Haraxeago, errota bat zegoen eta iluntze lurrintsuan, soinu freskoa eta atsegina egiten zuen. Lekuak eroso sentiarazten ninduen nolabait eta barruak lasaitzen zizkidan. Paisaia berde horri begiratzen ari nintzaiola, txistuka hasi nintzen eta “Annie Laurie” melodia atera zitzaidan. Arrantzale bat erreka ertzetik igo zen eta, hurbiltzen ari zitzaidala, hark ere txistu egiteari ekin zion. Nire melodia itsaskorra zen eta hura ere melodia berarekin hasi zen. Gizon alimalekoa zen, flanelazko arropa narrasez eta txano zabal batez jantzita, eta, sorbalda gainean, olanazko poltsa zaharra zeraman. Buruarekin keinu egin zidan eta pentsatu nuen ez nuela inoiz inor ikusi hura bezain aurpegi burutsua eta aldarte onekoa. Hiru metroko kanabera zubiaren aurka utzi zuen eta, nirekin batera, urari begiratu zion. —Oso gardena, ezta? —galdetu zidan atsegin—. Gure Kenner ibaia Test ibaia baino gehiago gustatzen zait. Begiratu arrain handi horri. Bi kilokoa da, gutxienez. Baina ilunabarra pasatu egin da eta ez dago harrapatzerik. —Ez dut ikusten —esan nion. —Begiratu! Hortxe! Ihietatik metro batera, ur-lasterretan. —Orain ikusten dut. Harri beltz bat ematen du. —Hara —esan zuen, eta “Annie Laurie” abestiaren beste zati bat txistuka egin zuen. —Twisdon duzu izena, ezta? —esan zidan buelta eman gabe, oraindik errekari so. —Ez —esan nion—. Zera, bai, esan nahi dut—. Ezizenaren kontua ahaztuta neukan. —Azpikari jakintsuek beren izenak ezagutzen dituzte— esan zuen, zubiaren itzaletik atera zen uroilo bati irribarre eginez. Zuzen jarri nintzen eta begiratu egin nion. Elutxadun masailezur karratua zuen, kopeta zabala eta zimurra, eta masail sendoak, eta hasi nintzen pentsatzen ondoan edukitzeko moduko aliatu bat aurkitu nuela azkenean. Bat-batean, haren begi urdin alaiak bizitu ziren. Betondoa ilundu zitzaion. —Lotsagarria iruditzen zait— esan zuen, ahotsa altxatuz—. Lotsagarria da zu bezala sasoi onean dagoen gizon bat eske ibiltzen ausartzea. Nire sukaldean, jateko emango dizute, baina nigandik ez duzu dirurik lortuko. Gizon gazte bat guregandik gertu pasatu zen gurdi txiki batean, eta arrantzalea zigorrarekin agurtu zuen. Hura aldendu zenean, arrantzaleak kanabera hartu zuen. —Nire etxea hori da— esan zidan, ehun metrotara zegoen hesi zuri bat seinalatuz—. Bost minutuz itxaron, eta gero atzeko atera joan—. Eta, hori esanda, hantxe utzi ninduen. Agindu bezala egin nuen. Herriko etxe polit bat aurkitu nuen. Belardia errekaraino iristen zen eta, bidexkaren ertzetan, alezuriz eta lilaz osatutako oihan zaindu bat zegoen. Atzeko atea irekita zegoen eta etxezain serio bat, nire zain. -Etorri nigaz, jauna— esan zidan, eta korridore batean barrena eraman ninduen, atzeko eskaileretan gora eta, azkenean, logela atsegin batera. Ibaia ikusten zen handik. Niretzako jantzi asko utzi zituzten: arropa formala osagarri guztiekin, flanelazko traje marroi bat, alkandorak, lepokoak, gorbatak, bizarra kentzeko tresnak eta ile-eskuilak, baita zapata distiratu pare bat ere. -Sir Walterrek pentsatu dau Reggie jaunaren gauzak zuretzat egokiak izango dirazala— esan zidan etxezainak. —Arropea izten dau hemen, asteburu askotan etortzen da eta. Ondoan bainugelea daukazu eta bainu bero bat prestatu deutsut. Afaria ordu-erdi barru izango da, jauna. Gonga entzungo dozu. Izaki serio hark alde egin zuen eta, kalikoz estalita zegoen besaulki batean eserita, aho zabalik begiratu nion denari. Komedia musikal batean banengo bezala sentitzen nintzen, eskale izatetik erosotasun txukun honetara. Argi zegoen Sir Walter nigan fidatzen zela, nahiz eta nik horren zergatia ez jakin. Ispiluan, nire buruari begiratu nion eta gizon basatia, beltzarana eta begipetsua ikusi nuen, bi asteko bizarra zuena, lepokorik gabea, alkandora merke batekin, formarik gabeko tweedezko arropaz jantzita eta ia hilabetez garbitu ez ziren botekin. Arlotea ematen nuen, edo azokako abeltzaina, eta etxezain txukun batek erosotasun handiko tenplu honetara ekarria ninduen! Onena zen oraindik ez zekitela nire izena zein zen ere. Erabaki nuen gehiago ez hausnartzea eta patuak eman zizkidan opariak onartzea. Luxu handiz, bizarra kendu eta bainua hartu nuen. Arropa formalez eta alkandora garbiarekin jantzi nintzen, nire tamainakoa ere bazen gutxi gorabehera. Bukatu nuenean, ispiluan begiratu, eta horren itxura txarrik ez zuen gazte bat ikusi nuen. Sir Walter jangela ilun batean zegoen nire zain. Mahai biribil txiki bat zegoen han, zilarrezko kandelez argituta. Hura ikustean —horren agurgarria, errotua eta segurua, gobernuaren, legeen eta arau guztien ikurra—, harrituta geratu nintzen eta lekuz kanpo sentiarazi ninduen. Ez zekien ni benetan nor nintzen; bestela, ez nindukeen horrela tratatuko. Ezin nuen aitzakia faltsuekin haren abegia onartu. —Ezin dizut egindakoa nahikoa eskertu, baina gauzak argitu behar ditut —esan nion—. Errugabekoa naiz, baina polizia atzetik daukat. Hori kontatu behar nizun eta, etxetik botatzen banauzu, ez naiz harrituko. Irribarre egin zuen. —Ondo da. Ez diezazun horrek jateko gogoa hondatu. Afaldu ondoren hitz egingo dugu gauza horien gainean. Ez nuen inoiz otordu bat hain gustura egina, egunean zehar treneko sandwichak baino ez bainituen jan. Sir Walterrek primerako afaria eman zidan. Xanpain ona edan genuen eta, afaldu ondoren, Oportoko ardo paregabea. Oso urduri jartzen ninduen han egoteak, zerbitzari batek eta etxezain dotore batek zerbitzatua, eta gogoratzeak hiru astez bidelapur baten eran bizi izan nintzela, guztiak nire aurka. Sir Walterri Zambesi ibaian dauden tigre-arrainen gainean hitz egin nion; horiek aukera izanez gero, hatzak jaten dizkigute. Ehiza munduan zehar genuen hizpide, ehiztari ibilia zen bera. Kafea hartzera bulegora joan ginen. Gela atsegina zen, liburuz, garaikurrez, anabasez eta erosotasunez beteta. Erabaki nuen afera honetatik bizirik atera, eta noizbait berezko etxea lortzen banu, halako gela bat izango nuela. Kafe-kikarak jaso ondoren, eta zigarroak piztuta genituela, anfitrioiak besaulkiaren ertz baten gainean jarri zituen hanka luzeak eta nire istorioa kontatzeko esan zidan. —Harryk esandakoa egin dut —esan zidan—, eta hura onartzeko agindu zidan esnaraziko ninduen zerbait kontatuko zenidala. Prest nago, Hannay jauna. Nire benetako izena erabiltzea ezustekoa izan zen. Hasiera-hasieratik hasi nintzen. Londresen aspertzen nintzela kontatu nion. Gau batean Scudder nire atarian aurkitu nuela farfuilatzen. Scudderrek Karolides eta Kanpo Arazoetako Ministerioaren biltzarren gainean esandakoaz hitz egin nion eta, horrekin, irribarre egin zuen Sir Walterrek. Orduan, hilketarena kontatu nion eta serioago jarri zen. Esneketariarena azaldu nion, eta Gallowayn egin nuena, eta ostatuan Scudderren oharrak dezifratu nituela. —Badituzu hemen? —galdetu zidan azkar. Arnasa sakon hartu zuen liburuxka sakelatik atera nuenean. Edukien gainean ez nion ezer esan. Sir Harry nola ezagutu nuen deskribatu nion, baita aretoan egin genituen hitzaldiak ere. Horrekin, barre-algarak egin zituen Sir Walterrek. —Harryk tontakeriak esan zituen, ezta? Sinesten dizut. Munduko gizonik onena da, baina osaba tuntunak txorakeriaz bete dio burua. Jarraitu, Hannay jauna. Errepide-langilearena egiten pasatu nuen egunarekin asaldatu egin zen. Autoan zeuden bi gizonen deskribapen zehatzak eskatu zizkidan eta iruditu zitzaidan memorian bilatzen ari zela. Jopley memeloaren patuarekin, berriro alaitu zen. Baina oso serio jarri zen landako etxeko zaharraren gainean mintzatu nintzenean. Berriro, itxuraren xehetasun guztiak eskatu zizkidan. —Leuna eta burusoila eta begiak hegazti batek bezala estaltzen zituena… Ehiza-hegazti gaiztoa ematen du! Hark zu poliziatik salbatu ondoren, haren bakarlekua lehertu zenuen. Hori lan adoretsua hori! Eta handik gutxira, bidaiaren narrazioa bukatu nuen. Sir Walter zutik jarri zen, poliki, eta sutondoko alfonbratik begiratu zidan. —Poliziaz ahantz zaitezke —esan zidan—. Ez duzu arazorik herrialde honen legeekin. —Arraioa! —garrasi egin nion —. Hiltzailea harrapatu dute? —Ez. Baina azken hamabostaldi honetan ez zara susmagarrien zerrendan egon. —Zergatik ez? —galdetu nion harrituta. —Batez ere, Scudderrek gutun bat idatzi zidalako. Gizona apur bat ezagutzen nuen: lan batzuk egin zituen niretzat. Erdi eroa erdi jenioa zen, baina erabat zintzoa. Arazoa zen oso gustuko zuela bakarrik aritzea. Eta horregatik ezin zuen lan egin zerbitzu sekretuetan. Lastima, ezohiko dohainak zituen eta. Nire uztez, munduko gizonik ausartena zen. Beti izututa eta dardarka zegoen, baina ez zegoen amore emanarazten zion ezer. Maiatzaren 31n, haren gutuna jaso nuen. —Baina, ordurako, astebete zeraman hilik. —Gutuna 23an idatzi eta bidali zuen. Argi zegoen ez zuela espero horren laster hiltzea. Normalean, haren mezuek astebete behar izaten zuten niregana iristeko: Espainiara bidaltzen zituen eta, hortik, Newcastlera. Arrastoa ezkutatzeko mania zuen. —Zer esaten zuen? —galdetu nion totelka. —Ezer ez. Arriskuan zegoela, baina lagun on baten babesa zuela eta ekainaren hamabosta baino lehen haren berri izango nuela. Ez zidan helbiderik eman, baina Portland Placetik gertu zegoela esan zidan. Uste dut ez zuela nahi zuk arazorik izatea zerbait geratuz gero. Gutuna jaso bezain pronto, Scotland Yardera joan nintzen eta ikerketaren xehetasunak aztertu nituen. Orduan ondorioztatu nuen zu lagun hori zinela. Zuri buruzko galderak egin genituen, Hannay jauna, eta ondorioztatu genuen errespetagarria zinela. Uste nuen ulertzen nuela zergatik desagertu zinen, ez poliziaregatik bakarrik, besteengatik ere bai, eta, Harryren oharra jaso nuenean, gainerako guztia ulertu nuen. Aste honetan, zure zain egon naiz. Imajinatuko duzuen bezala, horrekin, zama handia kendu zitzaidan gainetik. Gizon askea sentitu nintzen berriro. Orain, nire herrialdearen etsaiak baino ez nituen aurka, baina ez herrialdeko legegizonak. —Begira diezaiogun liburuxkari —esan zuen Sir Walterrek. Ordubete behar izan genuen dena ikusteko. Kodea azaldu nion eta oso azkar harrapatu zuen. Puntu batzuetan, nire interpretazioa zuzendu zuen, baina, oro har, nahiko zuzen ibili nintzen. Amaitu baino lehen, oso serio jarri zen eta, gero, luze geratu zen isilik. —Ez dakit zer pentsatu —esan zidan azkenean—. Gauza batean arrazoi du: etzi gertatuko den hori. Baina nola demontre jakin zuen? Hori, berez, nahiko gauza iluna da. Baina gerraren eta Harri Beltzaren kontu horrek, horrek guztiak melodrama eroa dirudi. Tamalez ezin naiz Scudderren zuhurtasunaz erabat fidatu. Haren arazoetako bat zen erromantikoegia zela. Izaera artistikoa zuen eta istorioak Jainkoak nahi baino hobeak izatea nahi izaten zuen. Eta aurreiritzi arraro asko zituen: juduak, esaterako, gorroto zituen. Juduak eta goi-mailako finantza. —Harri Beltza —errepikatu zuen—. Der Schwarzestein. Eleberri merke bat ematen du. Eta Karolidesi buruzko guztia. Kontakizunaren zatirik ahulena da hori; izan ere, badakit Karolides estimatua gu biok baino luzeago biziko dela ziur aski. Europan ez dago gizon hori desagerrarazi nahi duen estaturik. Horrez gain, azkenaldi honetan, Berlinera eta Vienara hurbildu da pixka bat eta horrek arazoak sortu dizkio nire nagusiari. Ez! Scudder ildo okerrean sartu da horrekin. Egia esan, Hannay, ez dut istorioaren zati hori sinesten. Kontu ilunen bat mugitzen ari da. Gehiegi jakin zuen eta horregatik erail zuten. Baina apustu egingo nuke espioitza arrunta dela. Bada estatu europar handi bat bere espioitza-zerbitzua oso gustuko duena eta erabiltzen dituzten metodoak ez dira bereziki arduratsuak. Somara ordaintzen dutenez, haren gizatxarrei ez zaie axola hilketa bat edo bi egitea. Gure itsas armadaren kokapenak nahi dituzte Marineamten duten bilduman sartzeko; baina ez dituzte lortuko, hori da gertatuko dena. Momentu horretan, etxezaina sartu zen gelan. - Dei bat Londresetik, Sir Walter. Heath jauna da, eta zugaz egin gura dau berba. Nire anfitrioia telefonoz hitz egitera joan zen. Bost minutu geroago itzuli zen, aurpegia zuri. —Scudderren mamuari barkamena eskatu beharko diot —esan zidan—. Karolides tiroz erail dute gaur zazpiak pasatxo zirela. 8 - Harri Beltzaren etorrera Hurrengo goizean, gosaltzera jaitsi nintzen zortzi orduz lo egin ondoren; lo ederra eta ametsik gabekoa. Sir Walter han zegoen, opilez eta marmeladaz inguratuta, eta telegrama bat irakurtzen ari zen. Aurreko eguneko itxura baikorra joandako oroimena baino ez zen. —Zu oheratu ostean, telefonoz ordubete eman nuen —esan zidan—. Nagusiari itsas armadako nagusiarekin eta Guda Ministroarekin hitz egiteko esan nion. Telegrama honek argi uzten du. Londresera bostetan iritsiko da. Bitxia da Frantziako jeneral batentzako kode-izena “Txerritxoa” izatea. Plater beroetarantz zuzendu ninduen eta hitz egiten jarraitu zuen. —Baina ez dut uste gauza handirik lortuko dugunik. Zure lagunak lehenbiziko plana aurkitzeko gai izan badira, bigarrena ere aurkituko dute. Burua emango nuke satorra non dagoen jakiteko. Uste genuen Ingalaterran bost gizonek bakarrik zutela Royer jeneralaren bisitaren berri, eta ziur geunden Frantzian horiek baino gutxiago zirela, han hemen baino hobeto antolatzen baitituzte gauzak. Jaten ari zela hitz egiten jarraitu zuen. Harrituta geratu nintzen afera guztia kontatu zidalako. —Ezin da plana aldatu? —galdetu nion. —Alda lezakete —esan zidan—. Baina, aukeran, nahiago dugu hori ez egin. Asko hausnartu ondoren prestatutako plana da, eta edozein aldaketa okerragorako litzateke. Gainera, kokapen bat edo bi ezin dira aldatu. Hala ere, ziur aski zerbait egiteko aukera egon liteke, behar-beharrezkoa izanez gero. Baina arazoa ikusten duzu, Hannay. Gure etsaiak ez dira hain tontoak Royerri sakelatik lapurtzeko, edo halako zerbait egiteko. Badakite horrekin iskanbila sortuko luketela, eta, horrekin, gu ernai jarriko ginatekeela. Haien helburua da xehetasun guztiak lortzea gu konturatu gabe. Horrela, Royer Parisera itzuliko da afera osoa sekretupean dagoelakoan. Hori lortu ezean, porrot egingo dute. Guk susmorik izanez gero, badakite dena aldatuko dugula. —Orduan, frantziarrarekin egon behar dugu hura etxeratu arte —esan nion—. Parisen informazioa lor dezaketela uste izango balute, hor saiatuko lirateke. Horrek esan nahi du Londresen azpijoko sakon bat martxan dagoela eta uste dutela irabaziko dutela. —Royer nire nagusiarekin afalduko du eta, gero, nire etxera etorriko da. Han, lau pertsona egongo dira haren zain: itsas armadako Whittaker, Sir Arthur Drew, Winstanley jenerala eta laurok. Itsas armadako nagusia gaixorik dago eta Sherringhamera joan da. Nire etxean, Whittakerrek dokumentu bat emango dio Royerri eta gero Portsmouthera eramango dute autoz. Bidaia hori garrantzitsuegia da trenez egiteko. Frantziaraino iritsi arte, ez da inoiz bakarrik egongo. Eta Whittaker ere ez da bakarrik egongo Royerrekin elkartu arte. Hori da egin dezakegun onena eta zaila dirudi hutsunerik gertatzea. Baina onartuko dizut izugarri urduri nagoela. Karolidesen hilketak anabasa sortuko du Europako Kanpo Arazoetako Ministerio guztietan. Gosaldu ondoren galdetu zidan ea banekien autoak gidatzen. —Ondo, gaur, nire gidaria izango zara eta Hudsonen arropaz jantziko zara. Haren neurrikoa zara, gutxi gorabehera. Afera honetan parte hartu duzu eta kontuz ibiliko gara. Gure aurka gizon arriskutsuak ditugu eta ez dute errespetatuko lan gehiegi egiten duen funtzionario baten bakarlekua. Londresera iritsi nintzenean, auto bat erosi eta, dibertsioz, Ingalaterrako hegoaldea esploratzen ibili nintzen; beraz, zertxobait ezagutzen nuen. Sir Walter Bathetik Bath-eko errepidetik eraman nuen eta laster iritsi ginen Londresera. Ekaineko goiz hura samurra eta haizerik gabekoa zen, gero sargori izango zelako seinale, eta plazera izan zen garbitu berri zituzten herri txikiak gurutzatzea eta Thames ibaiko lorategien ondotik pasatzea. Sir Walter hamaika eta erdietan utzi nuen Queen Anne's Gaten zuen etxean. Etxezaina trenez etorriko zen geroago, maletekin. Lehenbizikoz, Scotland Yardera eraman ninduen Sir Walterrek. Han, jaun txukun bat ikusi genuen; bizarra moztuta eta abokatu itxura zeukana. —Portland Placeko hiltzailea ekarri dizut —aurkeztu ninduen Sir Walterrek. Bestearen erantzuna irribarre ironikoa izan zen. —Hori opari atsegina izango zatekeen, Bullivant. Eta gizon hau, ziur aski, Richard Hannay jauna da, egun batzuez nire departamentuan interes handia sortu zuen gizona. —Hannay jaunak interesa piztuko die berriro ere. Gauza asko kontatuko dizkizu, baina gaur ez. Arrazoi batzuengatik, kontakizun horrek hogeita lau orduz itxaron beharko du. Orduan, zin egiten dizut ondo pasatuko duzula eta, beharbada, gauza batzuk ikasiko dituzula. Eskertuko dizut Hannay jaunari eragozpen gehiagorik izango ez duela bermatzea. Hori entzun bezain pronto, baieztatu egin zidan. —Zure bizitza lehen zen moduan berreskura dezakezu —esan zidan—. Apartamentua zain duzu, nahiz eta ziurrenik orain ez duzun hor bizi nahi izango, eta zerbitzaria ere hor duzu. Ofizialki ez zintugunez salatu, uste genuen ez zegoela zertan errugabetzat jo. Baina, horri dagokionez, zuk esan. —Beharbada, geroago, zure laguntza beharko dugu, MacGillivray —esan zion Sir Walterrek ateratzen ari ginela. Orduan, aske utzi ninduen. —Bihar, niregana etorri, Hannay. Isilik egon beharko duzu, badakizu. Zure lekuan, ohera joango nintzateke. Lo-zor handia izango duzu ziurrenik. Zuhur ibili, Harri Beltzeko zure lagunen batek ikusiko bazintu, arazoak sor daitezke. Nolabait ere, galduta sentitu nintzen. Hasieran, gizon askea izatea oso atsegina izan zen, nahi nuen tokira joan nintekeen ezeren beldurrik gabe. Hilabetez bakarrik eta legez kanpo bizi izan nintzen eta hori, niretzat, nahikoa izan zen. Savoy jatetxera joan nintzen eta, kontu handiz, oso bazkari ona eskatu nuen eta, ondoren, eskain ziezadaketen pururik onena erre nuen. Baina ezin nion ezinegonari utzi. Erretze-gelan niri begira zegoen edozein ikusten nuenean, lotsatzen nintzen eta hilketaren gainean pentsatzen ari ote zen galdetzen nion neure buruari. Gero, taxi bat hartu nuen eta kilometro batzuk egin nituen Londreseko iparraldera. Zelaietatik eta txalet-lerroetan paseatu nuen eta, gero, etxe txikien artean, auzo pobreetan eta kale arriskutsuetan barrena. Ia bi orduz ibili nintzen. Egonezina handitzen ari zitzaidan etengabe. Gauza handiak, beldurgarriak, gertatzen ari ziren eta gertatuko ziren eta ni, afera guztiaren ardatza, jokotik kanpo nengoen. Royer jenerala Doverren lurreratuko zen; Sir Walter planak prestatzen ari zen Ingalaterran sekretua ezagutzen zuten pertsona bakanekin eta, iluntasunean, nonbait, Harri Beltza lanean ari zen. Arriskua eta hurbileko hondamendia sentitzen nituen eta, aldi berean, sentitzen nuen nik eta nik bakarrik saihets nezakeela, neuk bakarrik borrokatu nintzatekeela haren aurka. Baina orain jokoz kanpo nengoen. Ez, gauzak ezin ziren beste modu batean egin. Ez zegoen kabineteko ministroek, almiranteek eta jeneralek beren sekretuak niri kontatzeko aukera handirik. Hasi nintzen pentsatzen nire hiru etsaietako batekin topo egin nahi nukeela. Horrekin zer edo zer gertatu zitekeen. Gogo handia nuen jende horrekin borroka arrunt bat izateko. Zerbait kolpatu eta zapaldu nahi nuen. Aldarte txarrez jartzen ari nintzen bat-batean. Ez nuen apartamentura itzultzeko gogorik. Uneren batean, hala egin beharko nukeen, baina, momentuz, diru nahikoa nuen eta erabaki nuen hurrengo goizera arte ez nintzela bueltatuko Egun horretan, hotel batean egingo nuen lo. Afarian ere, haserre nengoen. Jermyn Streeten zegoen jatetxe batean afaldu nuen. Ez nintzen gose eta plater asko ukitu gabe itzuli nituen. Borgoinako botila bat ardo ia osa edan nuen, baina horrek ez ninduen alaitu. Egonezin jasanezinak hartu ninduen. Hor nengoen ni, oso gizon arrunta, adimen arruntekoa; baina, nolabait, ziur nengoen beharrezkoa nintzela afera aurrera eramateko eta, ni gabe, dena oso gaizki joango zela. Nire buruari esan nion hori handikeria hutsa zela. Munduko lau edo bost pertsona adimentsuenetakoak lan horretan zebiltzan, inperio britainiarren botere guztia haien esku. Hala ere, ezin nuen onartu. Bazirudien ahots bat nuela belarrian, ekiteko esanez edo, bestela, ez nuela inoiz berriro lorik egingo. Ondorioz, bederatzi eta erdiak aldera erabaki nuen Queen Anne's Gatera joatea. Ziurrenik, ez zidaten sartzen utziko, baina saiatzeak kontzientzia lasaituko zidan. Jermyn Streeten barna joan nintzen eta, Duke Streeteko kantoian, gizon gazteen talde bat aurreratu nuen. Arropa formalez jantzita zeuden, nonbait afaldu zuten eta antzerki batera joan behar zuten. Marmaduke Jopley jauna zen haietako bat. Ikusi egin ninduen eta gelditu egin zen. —Jainkoarren, hiltzailea! —garrasi egin zuen. —Aizue, mutilak, harrapatu! Hori Hannay da, Portland Placeko hiltzailea! Besotik heldu zidan eta besteek ere inguratu ninduten. Ez nuen arazorik izan nahi, baina nire aldarte txarrak tontakeria bat eginarazi zidan. Polizia bat hurbildu zitzaigun; egia esan behar niokeen eta, nire istorioa sinetsi ezean, Scotland Yardera ni eramateko exijitu edo, bestela, gertuen zegoen polizia-etxera. Baina, une horretan, edozein atzerapen onartezina iruditzen zitzaidan eta Marmieren aurpegi memeloa ikustea gehiegi izan zen niretzat. Ezker eskuarekin ukabilkada eman nion eta poz handiz ikusi nuen arekan botata. Eta, orduan, izugarrizko iskanbila sortu zen. Guztiak nire gainera etorri ziren, eta poliziak atzetik harrapatu ninduen. Kolpe on bat edo bi eman nizkien eta uste dut, joko garbia izanez gero, guztiak garaitu nitzakeela; baina poliziak atzetik heldu zidan eta haietako batek eztarritik eutsi ninduen. Haserreak itsututa entzun nuen poliziak galdetu zuela ea zer gertatzen ari zen eta Marmiek, hortzak apurtuta, ni Hannay hiltzailea nintzela adierazi. —Arraioa! —oihu egin nuen—. Isilarazi gizon hori. Ohartarazten dizut, agente jauna, utzi bakean. Scotland Yardek badu nire berri eta niri eragozpenik jarriz gero, kargu hartuko dizute. —Nirekin etorriko zara, gazte —esan zidan poliziak—. Ikusi dut jaun hori krudelki kolpatu duzula. Zu hasi zara, hark ez du deus egin. Ikusi zaitut. Hobe duzu lasai etortzea; bestela, lotuko zaitut. Sumindurak eta gertatzen zela gertatzen zena ezin nuela atzerapenik izan pentsatzeak zezen baten indarra eman zidaten. Polizia bat ia lurretik altxatu nuen, lepotik heldu zidana lurrera bota nuen, eta ahalik eta azkarren, Duke kalean barrena ihes egin nuen korrika. Txistua entzun nuen eta gizonak nire atzetik lasterka. Azkar egiten dut korrika eta, gau horretan, hegoak nituen. Aitaren batean, Pall Mallera iritsi nintzen eta St James Parkera abiatu. Jauregiko atarian zegoen polizia saihestu nuen, Mallen sarreran zeuden guardia-multzoan murgildu nintzen eta zubirako bidean nengoen jazarleek kalea gurutzatu baino lehen. Parkeko bide zabaletara iristean, erritmoa bizitu nuen. Zorionez, ez zegoen jende askorik eta inor ez zen ni geldiarazten saiatu. Queen Anne's Gateraino iritsi behar nuen kosta ahala kosta. Kale lasai hartan sartu nintzenean, ematen zuen hutsik zegoela. Sir Walterren etxea parte estuan zegoen eta kanpoan hiruzpalau auto zeuden. Handik pauso batzuetara nengoela, abiadura moteldu nuen eta ateraino ibili nintzen kementsu. Etxezainak sartzen ez utziz gero, edo atea irekitzen berandutuz gero, nireak egingo zuen. Ez zuen denbora asko behar izan. Ia txirrina jo bezain pronto, atea ireki zen. —Sir Walter ikusi behar dut —esan nion arnasestuka. —Gai izugarri garrantzitsua da. Etxezaina izugarrizko gizona zen. Gihar bat ere mugitu gabe ate irekiari heldu, eta nire atzean itxi zuen. —Sir Walter lanean dago, jauna, eta inori sartzen ez izteko esan deust. Itxarongo dozu, arren? Etxea antzinakoen modukoa zen, atondo handia eta gelak bi aldeetan. Atzeko aldean, txoko bat zegoen, telefonoarekin eta aulki pare batekin, eta etxezainak han esertzeko esan zidan. —Entzun —xuxurlatu nion. —Baditugu arazoak eta ni tartean nago. Baina Sir Walterrek badaki, eta harentzat egiten dut lan. Norbait nire bila etortzen bada, gezurren bat esan. Baietz egin zidan buruarekin eta, segituan, zarata entzun nuen kalean, eta, gero, indarrez jo zuten txirrina. Ez nuen inoiz beste inor etxezain hori bezainbeste miretsi. Atea ireki zuen eta, aurpegia erabat asaldagaitz, galderen zain geratu zen. Orduan, ederra sartu zien. Etxea norena zen eta haren aginduak zein ziren azaldu zien eta, besterik gabe, ataritik uxatu zituen. Nire eserlekutik, dena ikus nezakeen eta edozein antzezlan baino hobea zen. Handik gutxira, txirrina jo zuten berriro. Etxezainak bisitari berriari sartzen utzi zion zalantzarik egin gabe. Berokia kentzen ari zela, ikusi nuen nor zen. Ezinezkoa zen egunkari edo aldizkari bat irekitzea aurpegi hura ikusi gabe: horizontalean moztutako bizar grisa; sudur labur eta karratua; eta begi urdinak eta zorrotzak. Konturatu nintzen Itsas armadako nagusia zela. Esaten zutenez, Erresuma Batuko itsas armada berria sortu zuen. Nire eserlekutik gertu pasatu zen eta atondoaren atzean zegoen gela batera eraman zuen etxezainak. Atea irekitzean, xuxurlak entzun nituen. Atea itxi, eta bakarrik nengoen berriro. Hogei minutuz egon nintzen han, ondoren zer egin behar nuen pentsatzen. Erabat ziur nengoen beharko nindutela, baina ez nekien noiz edo nola. Ordulariari etengabe begiratzen nion eta, hamar eta erdiak motel iristen ari zirela, pentsatu nuen bilera laster bukatuko zela. Ordu-laurden baten buruan, Royer jauna Portsmoutherako errepidean abiatuko zen ziztu bizian… Orduan, kanpaitxoa entzun nuen eta etxezaina agertu zen. Atzeko gelaren atea ireki, eta itsas armadako nagusia atera zen. Nire ondotik pasatu zen, nire aldera begiratu zuen eta, segundo batez, elkarri begiratu genion. Segundo bat baino ez zen izan, baina hura nahiko izan zen bihotzak jauzi egiteko. Ez nuen gizon garrantzitsu hura aurretik inoiz ikusi, eta hark ez ninduen ni inoiz ikusi. Baina, denbora-tarte labur hartan, zerbait nabari nion begietan eta zerbait hori elkarrenganako ezagutza izan zen. Nahastezina da hori. Istant bat da, argi-izpi bat, esanahi bat eta bakarra duen ñabardura bat. Nahi gabe nabari zitzaion, ustekabean; baina berehalakoan desagertu, eta gizona joan egin zen. Burua ideia biziz korapilatuta nuela entzun nuen kaleko atea haren atzetik ixten zela. Telefono-gida hartu nuen eta haren etxeko zenbakia bilatu nuen. Berehalakoan komunikatu ninduten eta zerbitzari batek hartu zidan. —Jauna etxean al dago? —galdetu nion. —Jauna duela ordu-erdi itzuli da —erantzun zidan, —eta oheratu egin da. Gaur ez dago oso ondo. Mezuren bat utzi nahi al diozu, jauna? Eseki nuen eta aulkitik erori nintzen ia. Ez zen afera hartan nire parte-hartzea oraindik bukatu. Doi-doi, baina garaiz iritsi nintzen. Ez zegoen astirik galtzeko eta, beraz, atzeko gelako ateraino azkar joan, eta jo gabe sartu nintzen. Bost aurpegik harrituta begiratu zidaten mahai biribil batetik. Han zeuden Sir Walter, Drew Gerra Ministroa (argazkietatik ezagutzen nuen), gizon adindu argal bat ere bazegoen, Whittaker ziur aski, itsas armadako ofiziala eta Winstanley jenerala, kopetan zuen zauriagatik nabaria. Azkenik, gizon txiki eta gizen bat zegoen, burdin koloreko bibotea eta bekain iletsuak zituena. Esaldi baten erdian harrapatu nuen. Sir Walterri harridura eta haserrea nabari zitzaizkion aurpegian. —Hau aipatu dizuedan Hannay jauna da —esan zien besteei, barkamena eskatuz. —Bisita hau, Hannay, lekuz kanpo dago. Lasaitasuna berreskuratu nuen. —Hori ikusteke dago, jauna —esan nion—, baina, beharbada, garaiz iritsi naiz, doi-doi. Jainkoaren izenean, esan iezadazue nor atera den hemendik duela minutu bat? —Lord Alloa —erantzun zidan Sir Walterrek, haserreak gorrituta. —Ez zen hura —oihu egin nien—. Haren itxura osoa du, baina ez zen Lord Alloa. Ezagutu egin nau eta azken hilabete honetan ikusi dudan norbait da. Hura kalera atera bezain pronto, Lord Alloaren etxera deitu dut eta esan didate duela ordu-erdi itzuli dela eta oheratu ere bai. —Nor… nor…? —norbaitek totelka esan zuen. —Harri Beltza —oihu egin nuen, hutsik geratu berria zen aulkian eseri, eta nire inguruan izuak jota zeuden bost gizonei begiratu nien. 9 - Hogeita hemeretzi mailak —A ze tontakeria! —garrasi egin zuen itsas armadako ofizialak. Sir Walter jaiki eta gelatik atera zen. Guk, bitartean, mahaiari begiratzen genion sorgor. Hamar minutu geroago itzuli zen, aurpegia oso serio. —Alloarekin hitz egin dut —esan zuen—. Ohetik aterarazi dut, aldarte txarrez dago. Mulrossekin afaldu ondoren, etxera joan da zuzenean. —Hori erokeria da —eten zion Winstanley jeneralak—. Esaten ari zara gizon hori hona etorri dela, nire alboan ia ordu-erdiz eserita egon dela eta ni ez naizela iruzurraz konturatu? Alloak burutik jota egon behar du. —Ez duzue ikusten zeinen argiak diren? —itaundu nien—. Beste gauza batzuetan interes handiegia zenuten, begiek erabili ere egiteko. Ez duzue Lord Alloa zen ala ez pentsatu ere egin. Beste inor izanez gero, ziurrenik arreta handiagoaz begiratuko zenioketen, baina hori hemen egotea naturala zen eta horrek lokarrarazi zaituzte. Orduan, frantziarrak hitz egin zuen, oso motel eta oso ingeles onez. —Gazte honek arrazoia du. Psikologia ona da. Gure etsaiak ez dira tontoak! Bekain jakintsuak zimurtu zizkien. —Pasadizo bat kontatuko dizuet —esan zuen—. Senegalen gertatu zen duela urte asko. Eremu galdu batean ari nintzela lanean, denbora pasatzeko barboak arrantzatzera joaten nintzen ibaira. Arabiar behor txiki batek eramaten zuen nire bazkari-saskia; garai hartan Timbuktun erosten genuen dun arraza arre horietako bat zen behorra. Goiz batean, arrain asko harrapatu nituen eta behorra, arrazoi argirik gabe, urduri zegoen. Entzuten nuen irrintzi eta karranka eta ostikoka ari zela eta ahotsarekin lasaitzen saiatu nintzen, buruan arrainak nituela oraindik ere. Ez nuen begi-bistatik galdu, hala uste nuen behintzat, zeharretik begiratzen nion etengabe; hogei bat metrora zegoen zuhaitz betetik lotuta zegoen… Ordu pare bat geroago, janarian pentsatzen hasi nintzen. Arrainak olanazko poltsa batean sartu nituen eta errekan barrena behorrari hurbildu nintzaion, kanabera hartuta. Harengana iritsi, eta, poltsa bizkar gainera bota behar nuenean… Etenaldia egin zuen eta guri begiratu zigun. —Usainak ohartarazi zidan. Burua biratu nuen, eta, metro batera, lehoi bat ikusi… Lehoi zahar gizaki-jalea, herrixka izuturik zuena. Behorraren hondakinak, odolez, hezurrez eta larruz osatutako mordo bat, zituen atzean. —Zer gertatu zen gero? —galdetu nion. Ehizan nahiko ibilia nintzen benetako istorio bat zela jakiteko. —Kanabera baraila artean sartu nion eta pistola atera nuen. Zerbitzariak ere errifleez armatuta zeuden. Baina arrastoa utzi zidan—. Esku bat altxatu eta ikusi genuen hiru hatz falta zitzaizkiola. —Pentsa —esan zuen—. Behorra ordubete baino gehiago zeraman hilik eta piztia niri begira egon zen lasai. Ez nuen behorra hiltzen ikusi, haren ezinegonetara ohituta nengoelako. Ez nintzen jabetu falta zela, nire buruan orban horixka baino ez zelako, eta lehoiak betetzen zuen hutsune hori. Nik halako akatsa izan banuen zentzumenak ernai izatera behartzen duen herrialde batean, zuek uste duzue hiriko jende okupatuok ez dugula kezkatu behar? Sir Walterrek baiezkoa egin zuen buruarekin. Inor ez zen kontrakoa esatera ausartu. —Baina ez dut ulertzen — jarraitu zuen Winstanleyk—. Haien helburua zen kokapenak lortzea gu konturatu gabe. Gutako batek gaurko bilera Alloari aipatuz gero, faltsukeria osoa agerian utziko zukeen. Sir Walterrek lehor barre egin zuen. —Alloa aukeratzeak haien zorroztasuna erakusten digu. Gutako zeinek hitz egingo zion gaurkoari buruz? Edo hark gaia aterako ote zuen? Gogoratu nuen jakina zela itsas armadako nagusiak gutxi hitz egiten zuela eta erraz haserretzen zela. —Harritzen nauena zera da —esan zuen jeneralak—. Zer lortu du espioi horrek hona etortzearekin? Ezinezkoa da diagramez eta izen bitxiz betetako horrenbeste orrialde buruz ikasi izana. —Hori ez da zaila —erantzun zion frantziarrak—. Espioi onei memoria fotografikoa lantzen erakusten diete. Zuen Macaulay bezalakoa da. Konturatuko zineten ez duela ezer esan, baina paperei behin eta berriro begiratu diela. Onar dezagun xehetasun guztiak burmuinean dituela. Gaztetan, nik ere egin nezakeen. —Bueno, orduan, planak aldatzea baino ez zaigu geratzen —esan zuen Sir Walterrek triste. Whittakerrek oso aurpegi serioa jarri zuen. —Lord Alloari kontatu al diozu zer gertatu den? —galdetu zion—. Ez? Bada, ezin dizuet ehuneko ehunean esan, baina nahiko ziur nago ezin dugula aldaketa handirik egin Ingalaterrako geografia aldatu gabe. —Eta beste gauza bat esan beharra dago — gehitu zuen Royerrek—. Gizon hori hemen zegoen bitartean, askatasunez hitz egin dut. Nire gobernuaren plan militar batzuen gainean hitz egin dizuet. Baimena eman zidaten hori kontatzeko. Baina, gure etsaientzat, informazio horrek milioiak balio ditu. Ez, lagunak, ez dut beste biderik ikusten. Hona etorri den gizona eta haren gaizkideak harrapatu behar ditugu. —Jainkoarren! —oihu egin nuen—. Eta ez dugu pista bat bera ere. —Gainera —Whittakerrek erantsi zuen—, posta-zerbitzua dago. Informazioa bidean dago dagoeneko. —Ez —esan zuen frantziarrak—. Ez dituzu espioien ohiturak ezagutzen. Berak jasotzen du ordainsaria eta berak entregatzen du lortzen duen informazioa. Frantzian, ezagunak ditugu horren gisakoak. Baina badugu aukera bat oraindik ere, mes amis. Gizon horiek itsasoa gurutzatu beharko dute eta itsasontziak eta portuak zelata ditzakegu. Sinets iezadazue: ezinbestekoa da, bai Frantziarentzat eta bai Erresuma Batuarentzat. Royerren sen onak eta seriotasunak lasaitu gintuzten nolabait. Gizon trakets haien artean, hark jartzen zituen gauzak martxan. Hala ere, ez nuen inoren aurpegian itxaropenik ikusi, ezta nik sentitu ere. Uharte hauen berrogeita hamar milioi biztanleen artean, eta hamabi bat ordu baino ez genituela, nola aurkitu Europako hiru gaizkilerik azkarrenetakoak? Bat-batean, gauza bat etorri zitzaidan burura. —Scudderren liburua non dago? —oihu egin nion Sir Walterri—. Azkar, han dagoen gauza batekin gogoratu naiz. Idazmahai bateko tiradera giltzez ireki zuen, eta liburua eman zidan. Orria aurkitu nuen. —Hogeita hemeretzi maila —irakurri nuen, eta berriz errepikatu— hogeita hemeretzi maila — eta zenbatu egin nituen—. Itsasgora, 22:17ean. Itsas armadako ministeriokoak ero banengo bezala so egiten zidan. —Ez al duzue ikusten? Pista bat da! —oihu egin nion—. Scudderrek bazekien gizon horien ezkutalekua zein zen, bazekien nondik aterako ziren herrialdetik, baina izena beretzat gorde zuen. Bihar da eguna eta, leku horretan, 22:17ean izango da itsasgora. —Beharbada, gaur joan dira —esan zuen norbaitek. —Haiek ez. Bide sekretua dute: eta daukate presarik. Alemaniarrak ezagutzen ditut eta planak jarraitzearekin oso zorrotzak dira. Non demontre ikus dezaket itsasaldien gida? Whittaker alaitu zen. —Aukera bat bada —esan zuen—. Goazen itsas armadako ministeriora. Zain zeuden bi autotan sartu ginen, Sir Walter izan ezik: Scotland Yardera joan zen, “Macgillivray mugiarazteko”, bere hitzetan. Garbitzaileak lanean zebiltzan korridore eta areto hutsetan, eta azkar zeharkatu genituen, liburuz eta mapaz betetako gela txiki batera iritsi arte. Hango bulegari egoiliarra aurkitu genuen eta hark itsas armadaren itsasaldi-gida ekarri zigun. Ni mahai aurrean eseri nintzen eta besteak zutik zeuden nire inguruan. Nolabait, espedizioaren arduradun bihurtu nintzen. Ez zuen ezertarako balio izan. Ehunka sarrera zeuden eta, ikusi nuenez, berrogeita hamar bat lekutan izango zen itsasgora ordu horretan. Aukeren kopurua gutxitzeko moduren bat aurkitu behar genuen. Burua esku artean hartu, eta pentsatzen hasi nintzen. Buruhauste hura ebazteko eraren bat egon behar zuen. Zer esan nahi zuen Scudderrek mailekin? Bururatu zitzaidan kai bateko mailak izan zitezkeela; baina, horrela izanez gero, ziur aski ez zukeen kopurua aipatuko. Eskailera ugari zituen lekuren bat izan behar zuen, eta eskailera batek baino ez zituen hogeita hemeretzi maila. Bat-batean, beste gauza bat otu zitzaidan eta ferry guztien irteerei begiratu nien. Baina ez zegoen kontinentera 22:17ean ateratzen zen itsasontzirik. Zergatik zen itsasaldia hain garrantzitsua? Portua izanez gero, portu txikia izan behar zuen itsasaldiak garrantzia izateko edo, bestela, gila sakoneko itsasontzia erabiliko zuten. Baina ordu horretan ez zen ferryrik ateratzen, eta ez nuen itsasontzi handi batean joango zirenik uste portu arrunt batetik abiatuta. Beraz, portu txikia izan behar zuen eta horregatik zen itsasaldia garrantzitsua edo, beharbada, ez zen portua. Aitzitik, portu txikia izan ezean, ez nuen mailen esanahia ulertzen. Ez nuen inoiz eskailerak zituen porturik ikusi. Eskailera berezi batzuk ezaugarri zituen leku bat izan behar zuen eta, han, 22:17ean izango zen itsasgora. Oro har, iruditzen zitzaidan lekuak kostalde ireki batean egon behar zuela. Baina ez nuen eskailerarena ulertzen. Orduan, ikuspegia zabaldu nuen. Nondik aterako zen Alemaniara joan nahi zuen gizon bat, presaka zebilen norbait, azkar eta inork ikusi gabe alde egin nahi zuena? Portu handietatik, ez. Ezta Mantxako Kanaletik ere, edota mendebaldeko kostaldetik edo Eskoziatik ere ez. Izan ere, gogoratu Londresetik abiatzen zela. Mapan, distantziak neurtu nituen, eta etsaiaren buruan sartzen saiatu nintzen. Ostendera, Antwerpera edo Rotterdamera joaten saiatuko nintzateke, eta ekialdeko kostaldetik itsasoratu, Cromer eta Dover artean. Hori guztia susmoak baino ez ziren, eta ez dut esango ondorio zientifikoak zirenik, ezta bereziki adimentsuak ere. Ez nintzen inolako Sherlock Holmes. Hala ere, nik uste beti izan dudala nolabaiteko sena halako aferetan. Ez dakit behar bezala azaltzen ari naizen, baina ahal den neurrian adimena erabiltzen dut eta, gehiago lortzen ez dudanean, igartzen saiatzen naiz eta, normalean, emaitza onak izaten ditut. Beraz, nire ondorio guztiak itsas armadaren paper batean idatzi nituen. Hona hemen: «NAHIKO ZIUR: Leku horretan, hainbat eskailera daude; horietako batek hogeita hemeretzi maila ditu. Itsasgora 22:17ean. Itsasgoran baino ezin da itsasoratu. Mailak ez dira kai batekoak, eta, ondorioz, baliteke portu bat ez izatea. Ez dago ferryrik 22:17ean. Garraiobideak itsasontzi komertziala (aukera gutxi), yatea edo arrantza-ontzia izan behar du». Nire arrazonamendua ez zen harago joaten. Beste zerrenda bat egin nuen, "igarrita" izenburuarekin, baina aurreko zerrenda bezain segurua zena. «IGARRITA: Lekua ez da portua, kostalde irekia baizik. Itsasontzia txikia da: arraste-ontzia, yatea edo txalupa. Lekua ekialdeko kostaldean dago nonbait, Cromer eta Dover artean.» Bitxia iruditu zitzaidan idazmahai hartan eserita egotea kabineteko ministro batekin, mariskal batekin, gobernuko goi-mailako bi ofizialekin eta jeneral frantziar batekin, guztiak niri begira hildako gizon baten oharretatik sekretu bat ateratzen saiatzen ari nintzela; eta sekretu hori hil edo biziko kontua zen guretzat. Sir Walter gurekin elkartu zen eta, gero, Macgillivray ere etorri zen. Aginduak eman zituen portuetan eta tren-geltokietan Sir Walterri deskribatu nizkion hiru gizonak harrapatzeko. Dena dela, hark zein beste guztiok ez genuen uste horrekin ezer lortuko zenik. —Hona hemen atera dezakedana —esan nien—. Hondartza batera ematen duten hainbat eskailera aurkitu behar ditugu. Eskailera horietako batek hogeita hemeretzi maila ditu. Uste dut kostalde irekia dela eta itsaslabar nahiko handiak daudela. The Wash eta Mantxako Kanalaren artean dago eta, han, itsasgora 22:17ean izango da bihar. Orduan, beste ideia bat bururatu zitzaidan. —Ez dago kostazainen artean-edo ekialdeko kostalde osoa ezagutzen duen ikuskariren bat? Whittakerrek esan zuen bazegoela eta Claphamen bizi zela. Autoz haren bila joan zen eta gainerako guztiok gela txiki hartan geratu ginen, bururatzen zitzaigunaren gainean mintzatzen. Pipa piztu nuen eta afera guztia berriz aztertu nuen, burmuina nekatu arte. Goizeko ordu bat aldera, kostazaina iritsi zen. Planta onekoa zen, itsas armadako ofiziala zirudien, eta besteei begirune handia zien. Gerra Ministroari utzi nion galdera egiten. Uste nuen nik galderak egitea lekuz kanpo zegoela irudituko zitzaiola. —Jakin nahi dugu ekialdeko kostaldean zer leku ezagutzen dituzun itsaslabarra eta eskailerak dituztenak. Momentu batez pentsatzen aritu zen. —Zer motatako eskailerak, jauna? Leku askotan, errepideek itsaslabarrak mozten dituzte, eta errepide gehienetan, zenbait maila daude. Edo eskailera arruntak esan nahi dituzu, mailarik baino ez duten eskailerak, nolabait esateko? Sir Arthurrek niri begiratu zidan. —Eskailera arruntak —erantzun nion. Minutu batez edo biz hausnartu zuen. —Ez dut halakorik ezagutzen. Itxaron momentu batez. Norfolken badago halako leku bat, Brattlesham, golf-zelai baten ondoan, eta eskailera pare bat dago jokalariek galdutako pilotak berreskura ditzaten. —Hori ez da —esan nuen. —Itsasaldeko pasealeku asko daude, horretaz ari bazara. Opor-leku guztiek badituzte. Ezezkoa egin nion buruarekin. —Hori baino ezkutuagoa izan behar du —esan nion. —Bada, jaunak, ez zait beste lekurik bururatzen. Beno, The Ruff ere hor da… —Hori zer da? —galdetu nion. —Kenten dagoen klerazko erdiuhartea da, Bradgatetik gertu. Goian txalet asko daude eta eskailerak dituzte etxeetatik hondartza pribatuetara joateko. Oso leku dotorea da eta hangoek bizimodu pribatua dute. Itsasaldiko gida ireki nuen, eta Bradgate bilatu. Ekainaren 15ean, itsasgora 22:27ean zen. —Azkenean, arrastoa aurkitu dugu —oihu egin nuen adoretsu—. Nola aurki dezaket The Ruffen itsasaldia zer ordutan izango den? —Hori nik esan diezazuket, jauna —ihardetsi zidan kostazainak—. Behin hango etxe bat utzi zidaten ekainean eta arrantzan joaten nintzen gauez. Itsasgora Bradgaten baino hamar minutu lehenago da. Liburua itxi nuen eta kideei begiratu nien. —Eskailera haietako batek hogeita hemeretzi maila izanez gero, misterioa argitu dugu, jaunak —esan nien—. Zure autoa utz iezadazu, Sir Walter, eta errepideen mapa bat. Macgillivray jaunak hamar minutu ematen badizkit, uste dut biharko zerbait presta dezakegula. Zentzugabea zen nik ardura hartzea halako afera batean, baina bazirudien ez zitzaiela axola eta, azken batean, istorioaren hasieratik hartu nuen parte. Gainera, lan latzetan eskarmentua nuen, eta goi-mailako jaun horiek adimentsuegiak ziren hori ez ikusteko. Royer jeneralak eman zidan agindua. —Niri, behintzat, —esan zuen—, ondo iruditzen zait Hannay jaunaren eskuetan uztea. Hiru eta erdiak baino lehen, Kenteko hesien paretik nindoan ziztu bizian ilargipean, Macgillivrayren poliziarik onena ondoan nuela. 10 - Talde anitz kostaldean elkartzen dira Ekaineko goiz arrosa eta urdin batean iritsi nintzen Bradgatera. Griffin Hoteletik, Cock hondartzako itsasargiari begiratu nion; distantzia hartatik, buia bat zirudien. Hiru bat kilometro hegoalderantz eta kostaldetik askoz gertuago, gerraontzi txiki bat ainguratuta zegoen. Scaife, Macgillivrayren polizia, itsas armadan egona zen eta itsasontzi hori ezagutzen zuen. Haren izena eta kapitainarena ere esan zizkidan, eta datu horiek telegramaz bidali nizkion Sir Walterri. Gosaldu ondoren, higiezinetako agente batek The Ruffeko eskaileren ateetako giltzak eman zizkion Scaiferi. Elkarrekin ibili ginen hondartzetatik eta, dozena-erdi eskailera horiek aztertzen zituen bitartean, itsaslabarrean zegoen sakonune batean eseri nintzen. Ez nuen nahi inork ni ikustea, nahiz eta ordu horretan ez zegoen inor eta kaioren bat baino ez nuen ikusten noizean behin. Scaifek ordubete baino gehiago eman zuen lan horretan eta ikusi nuenean paper-zati bati begira niregana etortzen ari zela, urduritu nintzen. Kontua zen dena nire susmoetan oinarritzen zela. Eskailera bakoitzean zenbat maila zeuden irakurri zuen. —Hogeita hamalau, hogeita hamabost, hogeita hemeretzi, berrogeita bi, berrogeita zazpi — eta— hogeita bat, itsaslabarrak baxuak diren lekuan—. Ia zutik jarri nintzen oihu egiteko. Herrira presaka itzuli ginen eta Macgillivrayri telegrama bidali nion. Dozena-erdi gizon behar nuen eta hainbat hoteletara joateko agindua eman nien. Orduan, Scaife hogeita hemeretzi mailen gainean zegoen etxea aztertzera joan zen. Itzuli zenean, ekarri zizkidan berriek harritu eta lasaitu ninduten. Etxeak Trafalgar Lodge izena zuen eta Appelton abizeneko jaun adindu batena zen. Higiezinetako agentearen arabera, burtsa-agente erretiratua zen. Appleton jaunak denbora luzea ematen zuen han udaldian eta, momentu hartan, han zegoen. Ia astebete lehenago iritsia zen. Scaifek ez zuen haren gaineko informazio handirik: gizon zintzoa zen, fakturak garaiz ordaintzen zituen, eta bertako ongintzazko erakundeei dirua ematen zien. Scaife etxearen atzeko atetik sartu zen, josketa-makinen saltzailea zela esanez. Hiru zerbitzari zeuden —sukaldaria, neskamea eta garbitzailea—, klase ertaineko edozein etxalde arruntetan bezala. Sukaldaria ez zen asko hitz egiten zuen horietakoa eta atea itxi zion ia; baina Scaifek esan zidan ziur zegoela ez zekiela ezer. Etxe ondoan etxe berri bat zegoen eta behatzeko ezkutaleku oso ona izan zitekeen. Beste aldean zegoen txaleta alokatzeko zegoen eta zaindu gabeko lorategi basatia zuen. Scaifek teleskopioa utzi zidan eta The Ruffen barna ibiltzera joan nintzen, bazkaldu baino lehen. Txalet-ilararen atzean geratu nintzen eta, golf-zelaiaren ertzean, talaia egokia aurkitu nuen. Handik, itsaslabarren gainean zegoen belardia ikusten zen, banku ugariz hornituta. Lursail karratuak ere bazeuden eta, handik, eskailerak jaisten ziren hondartzara. Trafalgar Lodge ere oso garbi ikusten nuen. Adreilu gorriko txaleta zen, karrerapea zuen, tenis-kantxa atzealdean eta, aurrean, berriz, kostaldeko lorategi arrunta, bitxilorez eta geranioz beteta. Bandera makila bat zegoen, eta bandera britainiar erraldoia zintzilik, geldirik erabat, haizerik ez zebilen eta. Orduan ikusi nuen norbait etxetik atera eta itsaslabar gainera joan zela paseoan. Teleskopioaren bitartez, gizon adindu bat ikusi nuen, flanela zurizko prakez, ehun urdinezko jaka batez eta lastozko txano batez jantzita. Prismatikoak eta egunkaria zeramatzan; burdinazko banku batan eseri zen eta irakurtzeari ekion zion. Batzuetan, egunkaria uzten zuen eta itsasoari begiratzen zion prismatikoekin. Gerraontziari luze begiratu zion. Ordu-erdiz aritu nintzen behaketa-lanetan. Orduan, zutik jarri zen eta etxera itzuli zen, bazkaltzera. Ni ere hotelera itzuli nintzen, bazkaltzera. Ez nengoen oso ziur. Etxebizitza arrunt eta errespetagarri hori ez zen espero nuena. Gizona landako baserri beldurgarri horren arkeologo burusoila izan zitekeen… edo ez. Hiri-inguruko auzo eta opor-leku guztietan ikusten diren gizon lasaien eta kontenten estereotipoa zen. Kalterik sortuko ez duen pertsona baten eredua marraztu nahi izanez gero, ziur aski, halako pertsona bat litzateke. Baina, bazkaldu ondoren, hoteleko arkupean eserita nengoela, ikustea espero nuen eta galdu nahi ez nuen hori ikusi nuen. Yate bat etorri zen hegoaldetik, eta The Ruff parean ainguratu. Ehun eta berrogeita hamar tona izango zituen, gutxi gorabehera, eta bandera zuriagatik ikusi nuen armadakoa zela. Beraz, Scaife eta biok portura joan ginen eta bote bat alokatu genuen, arratsaldea arrantzan emateko. Arratsalde epela eta lasaia zen. Elkarrekin hamar bat kilo bakailao eta arrain zuri harrapatu genituen, eta, han, dantzan ari zen itsaso urdinaren gainean, gauzak baikorrago ikusi nituen. The Ruffeko itsaslabar zurien gainean, txaleta berdeak eta gorriak ikusi nituen eta, batez ere, Trafalgar Lodgeko bandera makila handia. Laurak aldera, nahikoa arrantzatu ondoren, botezainari yatearen ingurura joateko eskatu nion. Txori zuri txiki baten modura, edozein momentutan ihes egiteko prest zegoen. Tamaina ikusita, Scaifek esan zidan itsasontzi azkarra zela eta motor handikoa. Itsasontziak Ariadne zuen izena, letoia distirarazten ari ziren gizonetako baten txanoan ikusi nuen. Harekin hitz egin nuen eta Essexeko dialekto leunean erantzun zidan. Beste marinel bat agertu zen eta Ingalaterrako azentuaz agurtu ninduen. Gure arrantzaleak haietako batekin eguraldiari buruzko eztabaida bat izan zuen eta, minutu batzuez, gure arraunak haien istriborreko brankatik gertu egon ziren. Bat-batean, gizonek guri kasu egiteari utzi zioten eta lanean murgildu ziren ofizial bat yatearen bizkarrera igo zela. Gazte atsegina eta itxura onekoa zen eta arrantzaren gainean galdetu zigun, oso ingeles onean. Hala ere, ez zegoen zalantzarik. Ile motzeko buru hori, lepokoa eta gorbata ez ziren inolaz ere ingelesak. Horrek baretu ninduen pixka bat, baina, Bradgatera arraunez itzultzen ari ginela, ezin nituen zalantzak baztertu. Kezkatzen ninduena zen etsaiek bazekitela informazioa Scudderengandik lortu nuela eta Scudderek leku horren kokalekua ere eman zidan. Scudderrek arrasto hori zuela jakinez gero, ez zituzten haien planak aldatuko? Plan haien arrakastaren mende zegoen dena, ezin zuten arriskurik hartu. Giltza zen ea zer puntutaraino ohartu ziren Scudderrek zer zekien. Bezperan, erabat ziur esan nuen alemaniarrek planak beti betetzen zituztela; baina, ni beren atzetik nenbilela susmoa izanez gero, tontakeria zatekeen arrisku hori ez saihestea. Nire buruari galdetu nion bezperan ikusitako gizona konturatu ote zen ezagutu nuela. Nolabait uste nuen ezetz eta hori zen nire itxaropena. Alabaina, afera ez zitzaidan inoiz arratsalde hartan bezain zaila iruditu, nahiz eta orduan, kalkulu guztien arabera, arrakasta ziurra ospatzen ibili beharko nukeen. Hotelean, gerraontziaren kapitaina ezagutu nuen. Scaifek elkar aurkeztu zigun eta harekin hitz egin nuen pixka batez. Orduan, Trafalgar Lodgeri ordu pare batez behatzea erabaki nuen. Aldapan gora, leku bat aurkitu nuen, hutsik zegoen etxe baten lorategian. Handik, tenis-kantxa ondo ikusten zen eta bi gizon jokatzen ari ziren. Bata dagoeneko ikusita nuen gizon adindua zen; bestea gaztea zen, klub baten koloreak zeramatzan gerri inguruan zuen zapian. Adore handiz jokatzen zuten, poroak irekitzeko ariketa bizia egin nahi zuten hiriko bi jaunek bezala. Hura baino ekintza tolesgabeagorik ezin nuen imajinatu. Garrasi eta barre egin zuten eta, neskame batek erretilu gainean bi pitxer ekarri zituenean, edateko eten bat egin zuten. Begiak igurtzi nituen, ez ote nintzen ni munduko memelorik handiena izango. Eskoziako landetan hegazkinez eta autoz ehizatu ninduten gizonak misterioz eta iluntasunez inguratuta zeuden, batez ere infernuko arkeologo hori. Erraza zen jende hori Scudder zoruan iltzatuta utzi zuen labanarekin lotzea, baita munduko bakea apurtzeko planekin ere. Baina aurrean nituen bi herritar errugabeak, inori kalterik egin gabe kirola egiten ari zirenak… Laster, etxeratuko ziren afari arrunta hartzera. Burtsaren prezioen gainean hitz egingo zuten eta azken kriket-emaitzak eta Surbitongo esamesak ere komentatuko zituzten. Putreak eta belatzak harrapatzeko sare bat egin nuen, eta begira! Bi txolarre potolo sartu ziren hutsegitez. Gero, hirugarren bat agertu zen, gizon gazte bat bizikleta baten gainean. Golf-makilak zeramatzan bizkar gainean, poltsa batean. Tenis-kantxara lasai gerturatu zen, eta jokalariek zarata handiz egin zioten ongietorria. Argi zegoen adarra jotzen ari zirela; kontu guztiak izugarri ingelesa zirudien. Orduan, gizon potoloa, kopeta setazko musuzapi batez igurtziz, esan zien bainu bat hartu behar zuela. Haren hitz zehatzak entzun nituen: —Izerditan blai nago. Honekin, pisua eta handicapa jaitsiko ditut, Bob. Bihar jokatuko dugu eta erraz irabaziko dizut—. Ez zegoen ezer hori baino ingelesagorik. Etxean sartu ziren eta benetan ergel sentitu nintzen. Oraingo honetan, ildo okerrean nenbilen. Beharbada, gizonak antzezten ari ziren, baina, hala izanez gero, non zegoen publikoa? Ez zekiten ni hogeita hamar metrora nengoela, errododendro batean. Ezinezkoa zen pentsatzea gizon osasuntsu horiek ez zirela ziruditena: hiri-inguruko ingeles arrunt, jokatzen; aspergarriak, beharbada, baina erabat errugabeak. Hala ere, hiru ziren eta haietako bat zaharra zen; beste bat, lodia, eta hirugarrena, argala eta beltzarana. Etxea Scudderren oharrekin lotuta zegoen, eta, hortik kilometro batera zegoen motordun yatean, bazegoen ofizial alemaniar bat, gutxienez. Karolidesekin gogoratu nintzen, Europa osoarekin, dar-dar eta lurrikara jasateko zorian. Londresen utzi nituen gizonekin ere oroitu nintzen, hurrengo orduetako gertaeren zain. Argi zegoen nonbait gauza txarrak gertatzen ari zirela. Harri Beltzak irabazi egin zuen eta, ekaineko gau hartatik bizirik ateraz gero, saria jasoko zuen. Gauza bakarra egin nezakeen: zalantzarik ez banu bezala jarraitu eta, tontoaren plantak egin behar banituen, muturreraino eraman. Ez nion inoiz lan bati hain gogo gutxirekin ekin. Momentu horretan nahiago nuen gordeleku anarkista batean sartu, guztiak Browning bat eskuetan zutela, edo nire kontra erasoan zetorren lehoi bati jostailuzko pistola batekin aurre egin, hiru ingeles alai horien etxean sartu eta azpijokoa bukatu egin zela esan baino. Gogoz barre egingo zidaten! Halako batean, Peter Pienaarrek Rhodesian behin kontatutako gauza batez gogoratu nintzen. Peter dagoeneko aipatu dut kontakizun honetan. Ezagutu nuen esploratzailerik onena zen eta, gizon agurgarri bihurtu baino lehen, legez kanpoko jardueretan ibilia zen askotan, polizia haren atzetik zuela adore handiz. Behin, Peterrekin, mozorroei buruz hitz egin nuen eta bazuen deigarria iruditu zitzaidan teoria bat. Azaldu zidan iheslaria trebea izanez gero, ezaugarri fisikoak ez zirela oso lagungarriak pertsona bat identifikatzeko, ziurtasun osoa eskaintzen zuten frogak kenduta (hatz-aztarnak, kasurako). Ile tindatuak eta bizar faltsuak barregarriak iruditzen zitzaizkion, umeentzako tontakeriak ziren horiek. Peterrek “giroa” deitzen zuen hori omen zen garrantzia zuen gauza bakarra. Gizon bat lehenbizikoz ikusi zuten lekutik oso desberdina zen inguru batean sar bazitekeen eta, garrantzitsuena, inguru berri horretan etxean bezala aritu eta hortik kanpo inoiz egon ez balitz bezala jokatzen bazuen, munduko detektiberik argienak ere nahasiko zituen. Eta istorio bat kontatzen zuen: behin, jaka beltz bat hartu, elizara joan eta, han, ereserki-liburua partekatu zuen bere bila zegoen gizonarekin. Gizon hark aurretiaz pertsona agurgarriz inguratu ikusi izan balu, ezagutuko zukeen; baina taberna batean argiak pistola batez itzaltzen baino ez zuen ikusi. Peterrek esandakoak gogoratzean, egun hartan lehenbiziko aldiz adorea sentitu nuen. Peter eskarmentudun txoria zen, baina gizon horiek txoritegiko bizkorrenak ziren. Eta Peterrek azaldutakoa egiten ari baziren? Gizon txotxolo bat beste itxura bat hartzen saiatzen da; gizon bizkor bat ez da itxuraz aldatzen, baina ezberdina dirudi. Peterrek bazuen beste esapide bat, errepide-langile nenbilenean oso lagungarri izan zitzaidana: «paper bat betetzean, ezinezkoa da paper horri eustea gure buruari pertsona hori dela sinetsarazi ezean». Horrek tenis-partiduarena azalduko zukeen. Gizon horiek ez zuten antzeztu behar. Heldulekuari bira eman, eta beste bizimodu batera pasatzen ziren, eta, bigarren bizimodu horretan, lehengoan bezain eroso zeuden. Klixea dirudi, baina Peterrek esaten zuen gaizkile handi guztien sekretua zela. Ia zortziak ziren eta Scaiferi aginduak ematera itzuli nintzen. Poliziak non kokatu esan nion eta ibiltzera atera nintzen. Ez nuen afaltzeko gogorik. Golf-zelaian ibili nintzen, hutsik zegoen ordu hartan, eta txaletetik iparralderago eta itsaslabar gainean zegoen leku bateraino joan nintzen. Bide berrietan eta txukunetan, flanelaz jantzita zegoen jendea ikusi nuen, tenisetik eta hondartzatik etxera zihoala. Telegrama bulegotik zetorren kostazain bat ere ikusi nuen, baita astoak eta canicheak etxerako bidean ere. Itsasoan, iluntze urdinean ikusi nuen Ariadnen eta hegoalderago zegoen gerraontzian argiak piztu zituztela eta, Cock hondartzatik harago, Thameserantz zihoazen ferryetan ere bai. Hain zen baketsua eta arrunta dena, non gero eta goibelago sentitzen bainintzen. Adore guztia behar nuen Trafalgar Lodgeraino abiatzeko bederatzi eta erdietan. Bidean umezain baten ondoan zihoan erbi-txakur bat ikusteak animatu ninduen. Rhodesian nuen txakur bat gogorarazten zidan, baita harekin Pali mendietara igarotako ehiza-egunak ere. Rhebok arreen bila joaten ginen. Gogoratu nuen behin animalia baten atzetik genbiltzala txakurrak eta biok arrastoa galdu genuela. Erbi-txakurrak ikusmenarekin gidatzen dira eta nire begiak nahiko onak dira, baina rhebok hura atera egin zen paisaiatik, besterik gabe. Geroago, jakin nuen nola egin zuen. Kopje grisen artean, belea ekaitz-hodeien artean bezain ikusezina zen. Ez zuen ihes egiteko beharrik: geldirik egotearekin nahikoa zuen atzean zuenarekin bat egiteko. Bat-batean, oroimen horiek guztiak burmuinean nahasi zitzaizkidan, aurrean nuen kasuan pentsatu nuen, eta denak uztartu nituen. Harri Beltzak ez zuen ihes egiteko beharrik. Paisaian, lasai ederrean desagertzen zen. Bide onetik nenbilen. Hori buru barruraino sartu nuen eta zin egin nuen ez nuela inoiz ahaztuko. Peter Pienaarrek edukiko zuen azken hitza. Ordurako, Scaifen poliziak beren lekuetan egongo ziren, baina ez zen inor ikusten. Etxea azoka bat bezain irekita zegoen, edozeinek ikusteko moduan. Metro bateko burdin hesi batek banatzen zuen itsaslabarreko errepidetik. Beheko leiho guztiak irekita zeuden; argi eta ahots baxuek esaten zidaten afariaren bukaeran zeudela. Dena ongintzazko erakunde baten azoka bezain publikoa eta agerikoa zen. Munduko tontorik handiena sentituz, ataka ireki nuen eta txirrina jo. Nire motako gizonok, munduko leku basatietan ibiliak garenok, oso ondo konpontzen gara bi motatako pertsonekin: goikoak eta behekoak, nolabait esatearren. Guk haiek ulertzen ditugu eta haiek gu. Gustura nengoen artzainekin, eskaleekin eta errepide-langileekin, baita Sir Walterrekin eta bezperan nirekin egondako gizonekin eta halakoekin ere. Ez dakit zergatik, baina horrela da. Baina nire motako gizonok ez dugu klase ertaineko mundu erosoa eta lasaia ulertzen: txaletetan eta hiri-inguruetan bizi direnak. Ez ditugu haien ikuspuntuak eta ohiturak ulertzen eta, aukeran, haietatik ihes egiten dugu, manba beltzetik ihes egiten dugun bezala. Neskame oso txukun batek atea ireki zidanean, ia ezin nuen hitz egin. Appleton jaunarekin hitz egiteko eskatu nion. Jangelara zuzenean sartzea izan zen nire plana, eta, ustekabean agertzean, agerian geratuko zen gizonek ezagutzen nindutela. Aitzitik, atondo txukun hartan, lekuak menperatu ninduen. Etxe britainiar mordo batean izaten diren golf-makilak, tenis-erraketak, lastozko txanoak, kaperak eta ibiltzeko makilak hor zeuden. Txukun tolestutako berokiak eta gabardinak harizko kutxa zahar bat gainean, kutxa luzeko erloju batek tiki-taka egiten, hormetan letoizko lapiko distiratsuak, barometro bat eta zaldi-lasterketa baten koadroa. Lekua eliza anglikano bat bezain konbentzionala zen. Neskameak izena galdetu zidanean, automatikoki esan nion eta egongela batera eraman ninduen, atondoaren eskuinetara. Gela hura are okerragoa zen. Ez nuen astirik aztertzeko, baina, tximinia-apalaren gainean, zenbait kirol talderen argazkiak ikusi nituen markoetan, Ingalaterrako eskola edo unibertsitate pribatuetakoak ziruditenak. Begiratu bat baino ez nien bota, berehalakoan bihotz eman eta neskameari jarraitu bainion. Baina beranduegi heldu nintzen. Jangelan sartua zen dagoeneko eta jabeari nire izena eman zion. Ez nuen ikusi hiru gizonek nola hartu zuten. Gelan sartu nintzenean, mahaiburuan zegoen gizon adindua altxatu, eta bira eman zuen ni agurtzeko. Arropa formalez jantzita zegoen, jaka motza eta gorbata beltza, eta nik potoloa deitzen nuen hori ere bai. Hirugarrena, beltzarana, traje urdinez jantzita zegoen, lepoko zuri leunarekin eta klub edo eskola baten koloreekin. Gizon zaharraren portaera perfektua zen. —Hannay jauna? —nigana zuzendu zen zalantzati—. Nirekin hitz egin nahi duzu? Momentu bat, lagunak, oraintxe itzuliko naiz. Joan gaitezen egongelara. Nahiz eta neure buruarengan batere konfiantzarik ez izan, nire burua jokoan sartzera behartu nuen. Aulki bat hartu nuen, eta eseri nintzen. —Uste dut gaur baino lehen elkar ezagutu dugula —esan nion—, eta badakizula zergatik etorri naizen. Ez zegoen argi handirik gela horretan, baina, haien aurpegietan ikusten nuenez,oso ondo egin zuten ez ulertuarena. —Agian, agian —esan zuen gizon zaharrak—. Nire memoria ez da oso ona eta, tamalez, esan beharko didazu zertara etorri zaren, jauna, ez baitakit. —Ondo da —esan nion eta iruditzen zitzaidan tontakeria hutsetan nenbilela—. Jokoa bukatu egin dela esatera etorri naiz. Zuek hirurok atxilotzeko egiaztagiria ekarri dut. —Atxilotzeko! —garrasi egin zuen gizon zaharrak eta, itxuraz, harrituta zegoen benetan—. Atxilotzeko! Jainkoarren, zergatik? —Franklin Scudder Londonen erailtzeagatik, maiatzaren 23an. —Ez dut inoiz ere izen hori entzun —erantzun zidan gizon zaharrak, ahots harrituz. Beste batek hitz egin zuen. —Hori Portland Placeko hilketa izan zen. Irakurri nuen. Jainkoarren, erotuta zaude! Nondik etorri zara? —Scotland Yardetik —erantzun nion. Minutu batez, isiltasuna erabatekoa izan zen. Gizon zaharra aurrean zuen platerari so zegoen, intxaur batekin jolasean eskuetan, ezer ulertzen ez duenaren itxurarekin. Orduan, gizon potoloak hitz egin zuen. Totelka hitz egin zuen, bazirudien hitzak kontu handiz hautatzen ari zela. —Ez urduritu, osaba —esan zuen—. Hau guztia zentzugabeko nahasketa da. Baina, batzuetan, halakoak gertatzen dira, eta erraz konponduko dugu. Gure errugabetasuna frogatzea ez da zaila izango. Maiatzaren hogeita hiruan atzerrian nengoela froga dezaket eta Bob bainuetxe batean zegoen. Zu Londresen zeunden, baina egin zenuena azal dezakezu. —Oso ondo, Percy! Erraza da, bai horixe. Hogeita hirua! Hori Agatharen ezkontzaren ondorengo eguna da. Ikus dezagun… Ni zertan nenbilen? Wokingetik etorri nintzen goizean eta Charlie Symonsekin bazkaldu nuen klubean. Gero… A, bai, Fishmongerstarrekin afaldu nuen. Ondo gogoratzen dut, txanporrauak gaizki egin zidan eta hurrengo goizean ez nengoen oso ondo. Arraioa, hor dago afaritik ekarri nuen zigarro-kutxa—. Mahai gainean zegoen objektu bati seinalatu zion eta barre egin zuen urduri. —Uste dut, jauna —esan zidan gazteak adeitsu—, onartuko duzula oker zabiltzala. Edozein ingelesek bezala poliziari lagundu nahi diogu, baina ez dugu nahi Scotland Yardek tontoarena egitea. Ezta, osaba? —Jakina, Bob—. Zirudienez, gizon adindua ahotsa berreskuratzen ari zen—. Jakina, autoritateei laguntzeko gure esku dagoen guztia egingo dugu. Baina hau… Hau gehiegi da. Ezin dut sinetsi. —Nelliek barre egingo du —esan zuen gizon potoloak—. Beti esan du asperraldiak hilko zintuela, ez zaizulako inoiz ezer gertatzen. Eta orain benetako arazoak dituzu — eta atsegin handiz hasi zen barreka. —Jainkoarren, bai. Pentsa! Hau bai klubean kontatzeko modukoa! Benetan, Hannay jauna, ziurrenik, haserretu behar nuke nire errugabetasuna frogatu behar izateagatik, baina dibertigarriegia da! Eman didazun izuarengatik barkatzekotan nago ia! Hain zeunden serio, ezen pentsatu dudan lo-ibiltaria naizela eta lo nengoela norbait erail dudala. Ezinezkoa zen itxurak egiten aritzea: benetakoegia zen. Goibeldu nintzen izugarri eta barkamena eskatzea eta alde egitea izan zen lehenbiziko pentsamendua. Baina erabaki nuen bukaeraraino joan behar nuela, nahiz eta Erresuma Batuko guztiek nitaz barre egin. Jangelako mahai gainean zeuden kandelek ez zuten argi handirik ematen, eta, nire nahastea argitzeko, zutik jarri eta atera joan nintzen, argi elektrikoa piztera. Bat-bateko argiak begiak kliskarazi zizkien eta ni, zutik, hiru aurpegi horiei so geratu nintzen. Ez nuen ezer garbirik atera. Bat zaharra eta burusoila zen; beste bat, potoloa eta hirugarrena, beltzarana eta argala. Haien itxuran ez zegoen ezer Eskozian nire atzetik ibilitakoak ez zirenik frogatzen zuenik, baina ez zegoen ezer haiek nor ziren jakiteko. Ez dakit zergatik nik –errepide-langile nintzela begietara begiratu zien eta beste behin Ned Ainslie izan zen horrek–, nire memoria eta behatzeko trebetasun onekin, ez nuen behar nuena aurkitu. Bazirudien esaten zuten hura zirela eta ezin nuen kontrakoa zinez esan. Han, jangela atsegin hartan, hormak akuafortez apainduta eta mantelinaz jantzitako emakume zahar baten erretratua tximinia gainean zegoela, ezin nuen landetako gaizkileekin lotzen zituen ezer ikusi. Nire ondoan, zilarrezko zigarro-kutxa bat zegoen eta ikusi nuen Saint Bede Klubeko Percival Appletonek golf-txapelketa batean irabazi zuela. Peter Pienaarrek esaten zuenari gogor eutsi behar izan nion etxe hartatik korrika ez ateratzeko. —Orduan —esan zidan gureak adeitsu—, ikusi duzunak lasaitzen zaitu, jauna? Ezin nuen ezer esan. —Espero dut zure betebeharren artean egotea afera barregarria hau bertan behera uztea. Ez naiz kezkatzen, baina ulertuko duzu herritar zintzo garenontzat hau ezatsegina dela. Ezezkoa egin nion buruarekin. —Alajaina! —gazteak garrasi egin zuen—. Hau gehiegi da! —Polizia-etxera eramango gaituzu? —galdetu zidan potoloak—. Hori liteke irtenbiderik onena, baina, segur aski, hemengo polizia-etxearekin ez zenuke nahiko izango. Zure baimena ikusteko eskubidea badut, baina ez dut zure gainean susmorik jarri nahi. Zure eginkizuna betetzen ari zara, besterik ez. Baina onartuko duzu oso ezatsegina dela. Zer egin behar duzu? Bi aukera baino ez zeuden: poliziei deitu hiruak atxilotzeko, edo nire akatsa onartu eta alde egin. Lekuarekin eta giro errugabearekin tentelduta nengoen eta ez zen errugabetasuna bakarrik, bazik eta aurpegi horietan ikusitako kezka eta benetako nahastea. —Ene, Peter Pienaar… —xuxurlatu nuen nire baitan, eta, istant batez, nire burua ia memelotzat hartu nuen eta haiei barkamena eskatu. —Bitartean, bridgean joka dezagun —esan zuen potoloak—. Horrekin, Hannay jaunak hausnartzeko denbora izango du eta, badakizue, laugarren jokalaria behar genuen. Jokatuko duzu, jauna? Klub bateko gonbidapen arrunta izan balitz bezala onartu nuen. Afera harekin zur eta lur nengoen. Egongelara joan ginen: mahaia kartetan jokatzeko prest zegoen eta erretzekoa eta edatekoa eskaini zidaten. Mahaira eseri nintzen, amets batean banengo bezala. Leihoa irekita zegoen eta ilargiak itsaslabarrak eta itsasoa argi horiz margotzen zituen. Ilargi-argia nire buruan ere bazegoen. Hiru gizonek lasaitasuna berreskuratu zuten eta eroso hitz egiten ari ziren. Edozein golf-klubetan entzuten den elkarrizketa erlaxatua zen. Itxura bitxia izan behar nuen han eserita, kopeta ilun, begiak galduta… Nire bikotekidea gizon gaztea zen. Normalean, bridgean nahiko ondo aritzen naiz, baina, gau hartan, oso gaizki aritu nintzen seguru asko. Ikusten ari ziren nahasi nindutela eta horrek inoiz baino gehiago lasaitu zituen. Hiru aurpegiei begiratzen nien, baina ez zidaten ezer esaten. Kontua ez zen itxura ezberdina zutela, baizik eta ezberdinak zirela. Peter Pienaarren hitzei ahalegin handiz heldu nien. Orduan, zerbaitek esnarazi ninduen. Gizon zaharrak kartak mahai gainean utzi zituen puru bat pizteko. Ez zuen berehala hartu. Momentu batez atzera mugitu zen aulkian eta hatz-muturrekin belaunen gainean jo zuen. Mugimendu hori landako baserrian ikusi nuen, ni haren aurrean nengoela eta haren atzean bi zerbitzari pistoladun. Gauza txikia zen, segundo batekoa, eta hori ez ikusteko aukera itzelak ziren, kartetara adi nengoelako, besteak beste. Baina ez nuen aukera hori galdu eta iruditu zitzaidan tximista bezain azkar, airea lainoz garbitu egin zela. Itzala desagertu zitzaidan burmuinetik eta hiru gizonak ezagutu nituen zalantzarik gabe. Tximinia gaineko erlojuak hamarrak eman zituen. Hiru aurpegiak nire aurrean aldatu ziren eta beren sekretuak azaldu zizkidaten. Gaztea hiltzailea zen. Aldarte onaren ordez, krudeltasuna eta bihozgabekeria ikusten nituen. Ez nuen zalantzarik haren labanak utzi zuela Scudder zoruan itsatsita. Karolides haren gisako batek erail zuen tiroz. Potoloaren hazpegiak desegin eta, berriro ere, nire aurrean berregin ziren. Ez zuen aurpegirik, ehun mozorro baizik, nahi zuenean janzteko edota aldatzeko. Aparteko antzezlea izango zatekeen. Beharbada, bezperan berak egin zuen Lord Alloarena, edo agian ez. Ez zitzaidan axola. Nire buruari galdetu nion hura ote zen lehenbizikoz Scudderren aztarna aurkitu zuena, eta Scudderri txartela utzi. Scudderrek zizipaza egiten zuela esan zidan eta imajina nezakeen zizipazak izua areagotzen zuela. Baina zaharra zen onena. Burmuina hutsa zen: izotza bezalakoa, kalkulatzailea, mailu erraldoi bat bezain errukigabea. Orain ikusten ari nintzela, ez nekien zergatik pentsatu nuen onbera zela. Masailezurra altzairu hotza bezalakoa zuen eta hegazti baten begien argitasun ankerra begietan. Jokatzen jarraitu nuen eta, segundoak pasatu ahala, bihotzean nuen gorrotoa handitzen ari zen. Gorroto horrek ia ito egiten ninduen eta kidearen galdera bat egin zidanean, ezin izan nion erantzun. Ezin nuen konpainia hori askoz luzeago jasan. —E! Bob! Begiratu ordua —esan zuen zaharrak—. Trena hartu beharko duzu. Bobek Londresera joan behar da gaur —gehitu zuen, niri begira. Orain, ahotsak doinu faltsua zuen erabat. Erlojuari begiratu nion. Hamar eta erdiak ziren kasik. —Tamalez, bidaia atzeratu beharko du —esan nion. —Ene, bada —esan zuen gazteak—. Uste nuen tontakeria hori bertan behera utzita zenuela. Joan beharra daukat. Nire helbidea emango dizut eta nahi duzun bermea ere bai. —Ez —esan nion —, geratu behar duzu. Uste dut orduan konturatu zirela jokoa larria zela. Aukera bat eta bakarra zeukaten: niri sinestarazi oker nenbilela eta porrot egin nuela. Zaharrak hitz egin zuen berriro. —Ilobaren fidantza ordainduko dut. Horrekin nahikoa izango duzu, ezta, Hannay jauna? —Nire imajinazioa zen, ala ahots koipetsu horretan zalantza nabari nuen? Ez zegoen zalantzarik: hari begira ari nintzela, betazalak jaitsi baitzituen belatz batek bezala. Txilibitua jo nuen. Istant batean, argi guztiak itzalita zeuden. Pare bat beso indartsuk gerritik heldu zidaten eta sakelak estali, badaezpada ere pistola ote neraman. —Schnell, Franz —ahots batek egin zuen oihu—, das Boot, das Boot! —Hitz horiek esatearekin batera, bi polizia ikusi nituen ilargiak argitutako belardian. Gazte beltzaranak leihotik egin zuen jauzi, hortik atera eta hesi baxu batean gora pasatu zen aitaren batean. Zaharrari heldu nion eta gela pertsonez bete zen. Potoloa harrapatu zutela ikusi nuen, baina nire arreta etxetik kanpo zegoen. Franzek azkar gurutzatu zuen errepidea eta hondartzarako eskaileren aurrean zegoen sarrerarantz zihoan. Polizia bat zihoan haren atzetik, baina ez zuen aukerarik. Eskaileren sarraila iheslariaren atzean itxi zen eta horri begira geratu nintzen, eskuekin zaharraren eztarriari eutsita, gizon batek eskailerak jaisteko beharko zuen tarteaz. Bat-batean nire gatibua nigandik askatu zen eta hormaren kontra aurka jauzi egin zuen. Klik bat entzun zen, palanka bati tira egin izan balio bezala. Lur azpitik eta oso urrundik, burrunba bat entzun zen, eta leihoaren beste aldean ikusi nuen eskaileretatik klerazko hauts-hodei bat ateratzen ari zela. Norbaitek argiak piztu zituen. Zaharra, begiak sutan, niri so zegoen. —Seguru dago —oihu egin zidan. — Beranduegi da hari jarraitzeko… Joan egin da… Irabazi egin du… Der Schwarzestein ist in der Siegeskrone. Begietan, garaipena baino gehiago zuen. Hegazti batek bezala ezkutatuta zeuzkan ordura arte, eta, orain, belatz baten harrotasunarekin kartsu irekita zeuden. Fanatiko baten sugarraz, dir-dir egiten zuten eta lehenengo aldiz konturatu nintzen aurka nuena benetan beldurgarria zela. Gizon hori espioia baino gehiago zen eta, modu nazkagarri batean bazen ere, abertzalea. Eskuburdinak jartzen ari zitzaizkiola, azken hitz batzuk esan nizkion. —Espero dut Franzek garaipena ondo hartzea. Jakin ezazu azken ordu honetan Ariadne gure menpean egon dela. Zazpi aste geroago, guztiok dakizuen bezala, gerra piztu zen. Lehenengo astean, armada berrian eman nuen izena, eta, Matabelen hartutako eskarmentuari esker, kapitain egin ninduten berehala. Baina uste dut lanik onena uniformez jantzi baino lehen egin nuela. Hitzatzea 'Hogeita hemeretzi mailak' John Buchan egile eskoziarraren hamazazpigarren liburua eta zortzigarren eleberria da. Lehenbizikoz, Blackwoods aldizkarian atera zen, 1915eko abuztua eta iraila bitartean; urrian, William Blackwood and Sons argitaletxeak liburu-formatuan plazaratu zuen. Abentura-liburua da. Hasieratik, 'Hogeita hemeretzi mailak'-ek arrakasta handia izan zuen. Lehenengo Mundu Gerra 1914an hasia zen, eta lubakietan zeuden soldaduek –baita haien ahaide eta beste milaka britainiarrek ere– gogoz irakurri zuten liburua: lehenengo hiru hilabeteetan 33.000 ale saldu ziren (garai hartan, nobelako 1.000 ale saltzen ziren, asko jota). Geroztik, 'Hogeita hemeretzi mailak' beti egon da herrialde ingelesdunen liburu-dendetan; ikastetxeen literatura-eskoletan irakurtzen da; liburuaren kontakizunean hiru film oinarritzen dira; eta antzerki- eta irrati-bertsio batzuk ere egin dira. Irakurleak Richard Hannay protagonistarekin identifikatzen dira edo, behintzat, haren aldekoak dira liburuan zehar. Itxuraz, Hannay gizon arrunta da, eta, nahi gabe, arazo larri batzuei aurre egin behar die: arruntasun hori urtu egiten da ataka estu batetik ateratzen den bakoitzean. Ondorengo hogeita bat urteetan, Richard Hannay protagonista izan zen Buchanen beste lau eleberriotan: 'Greenmantle' ('Kapaberdea', 1916; non alemaniarrek profeta musulman turkiar bat erabiltzen duten Ekialde Hurbileko biztanleriaren atxikimendua eskuratzeko); 'Mr. Standfast' ('Sendoegon jauna', 1919; non espioi alemaniar talde bat –irakurleek espioien nagusia 'Hogeita hemeretzi mailak'etik ezagutzen dute– guda modu zikinean irabazten saiatzen den); 'The Three Hostages' ('Hiru bahituak', 1924; non itxuraz establishment britainiarraren parte-hartzaile garrantzitsua den gizon batek hiru pertsona gazte bahitzen dituen, gizarte osoa suntsitzeko); 'The Island of Sheep' ('Ardien Irla', 1936; non Hannayk maltzur batzuen azpijokoa oztopatzen duen, eta oinordeko aberats bat salbatzen duen). Lehenengo Mundu Gerraren hasieran, Buchan inteligentzia-zerbitzu britainiarretan aritu zen, eta, neurri batean, 'Hogeita hemeretzi mailak' propaganda egiteko idatzi zuen: liburuan zehar alemaniarren azpijokoak gaitzesten dira, eta britainiarren portaera noblea eta zuzena agerian geratzen da. Baina egilearen asmo propagandistikoak ez zion liburuaren kalitateari kalterik egin, ezta irakurleen plazera oztopatu ere. Egilea John Buchan 1875ean jaio zen, Fifen, Eskoziako ekialdean. Aita apaiz protestantea zen. Fifeko kostaldeak eta eliza protestanteak 'Prester John' ('Apaiza Johannes', 1910) eleberrian leku garrantzitsua izan zuten. Familiak oporraldiak Eskoziako mugaldean ematen zituen, amaren gurasoekin, eta hango kultura eta paisaiak garrantzitsuak ziren Buchanen ipuin askotan, baita 'Witchwood' nobelan ('Sorginbasoa', 1927) eta 'Hogeita hemeretzi mailak'-en ere. Unibertsitatean ikasteko diru-sari bat irabazi zuen eta, hari esker, kultura klasikoa ikasi zuen Glasgown eta, geroago, Oxforden, elite britainiarraren gazteekin batera. Unibertsitate-garaian, poesia- eta saiakera-sari ugari jaso zituen, eta sei liburu argitaratu zituen. Lizentziatu ondoren, 1901ean, Buchanek inperio britainiarraren goi-mailako administrazioan lan egin zuen Hego Afrikan. Bigarren Boerren Gerran parte hartu zuen. Ingalaterrara itzuli zenean, 1903n, Thomas Nelson & Son argitaletxeko bazkide izendatu zuten, baita The Spectator aldizkariaren zuzendari ere. Zuzenbidean lizentziatu zen. Aldi berean, liburuak idazten jarraitu zuen; 1914 arte, hiru biografia, sei eleberri eta zazpi saiakera-liburu argitaratu zituen. 1907an Susan Grosvenor aristokratarekin ezkondu zen. Bikoteak lau seme-alaba izan zituen. Victoria erreginaren aldian jaioa eta hezia, Buchan abertzale eta inperialista zen, herrikide ia-ia guztiak bezala. Erresuma Batua eredugarria zela uste zuen eta, ondorioz, inperio britainiarrak mundua hobetzen zuelakoan zegoen. Inoiz, liburuetan erabili zituen esapide batzuengatik, iruzkingile batzuek arrazakeria leporatu izan diote; baina arazo hori ez zen Buchanena bakarrik, gizarte oso baten joera baizik. Hala nola, inoiz esan da Buchan antisemita zela; kasu horretan, aldiz, kritikak ez dira sinesgarriak, batez ere Buchan sionismoaren aldekoa zela ikusiz. Familia xume batean jaiota eta gaztetatik –Oxfordeko unibertsitateko garaitik– lagun boteretsu eta aristokratikoez inguratuta, Buchanen gizarte-maila horrekiko eta titulu eta dominekiko lilura nabaria izan zen. 'Hogeita hemeretzi mailak'-en, esaterako, ministro bat, almirante bat eta bi jeneral agertzen dira. Lehenengo Mundu Gerran, Buchan inteligentzia-zerbitzuetan aritu zen; The Times egunkariaren berriemailetako bat izan zen Frantzian; armadan izena eman zuen, eta, gudaren bukaerako, koronel izan zen; gerraren historia ofiziala idazten lagundu zuen; eta sei liburu plazaratu zituen. Gerra ondoren, liburuak plazaratzen jarraitu zuen (1918 eta 1940 artean, hemezortzi eleberri, zazpi biografia eta hogeita sei saiakera-liburu, azken horietako gehienak historiaren gainekoak). 1927an, alderdi kontserbadoreko legebiltzarkide izendatu zuten. 1935ean Jurgi V.ak lord izendatu zuen, eta Buchanek Tweedsmuir titulua hartu zuen. Urte haren azaroan, erregeak Kanadako gobernadore jeneral izendatu zuen. Hurrengo bost urteetan, Buchanek Kanada osoa ezagutu zuen; hango herri guztien alde lan egin zuen, aniztasunaren balioaz konbentzituta; alfabetatze-kanpaina garrantzitsu batzuk martxan jarri zituen; eta Kanadako literaturaren alde lan egin zuen. John Buchan 1940an hil zen, Kanadan. Eskoziarraren azken eleberriak –'Sick Heart River' ('Bihotz gaixo ibaia', 1941)– Kanadako iparraldean zahartuta eta gaixorik zegoen gizon batek egin zuen bidaia gogorraren gainekoa da. Buchanen liburu askotan bezala, gizonezko bat hiritik kanpo bizitzera behartuta dago, mendialdean eta egoera latzetan, baita beldurra eta oztopo anitz gainditzera ere. Nobelaren esaldi bat Buchanen aipurik ospetsuenetakoa da: “Bizitza hau zoragarria da, ahultzen ez garen bitartean”. Pertsonaiak Richard Hannay da liburuaren protagonista, Eskozian jaioa eta Hegoafrikan hezia. Kolonia britainiarrean meatze-ingeniari aritu da, eta, lan horri esker, dirutza irabazi du. 1914an, Erresuma Batura itzultzea erabaki du, dauzkan baliabideez Londresen gozatzera. Hiriburuan, aldiz, aspertu egin da, eta bakarrik dago gustura liburuan zehar gertatzen diren zailtasunei aurre egiten dienean. Hirian ezeroso sentitzen da; mendialdean, ordea, bere lekuan dago. Irakurle askoren beldur bati eta nahi bati ematen die gorputza Hannay pertsonaiak: batetik, gizartean –edo edozein egoeratan– deseroso sentitzeko beldurra, lekuz kanpo egotearena; bestetik, maltzurrak agertzen direnean, Hannayk bezain sendo eta ausart egin nahi genieke aurre. Franklin Scudder estatubatuar geldiezina da, hizkuntzalari apartekoa, zerbitzu sekretu britainiarrei informazioa ematen diena, eta espioi-talde alemaniar baten sekretuak jakin dituena. Espioiak horretaz konturatu direnez, Scudder, beldurrak jota, Londresera joan da babes bila, eta, azkenean, babes hori Hannayri eskatu behar izan dio, eta datu sekretuak kontatu dizkio. Scudder pertsonaiak beldurra eta jazarpen-sentsazioa txertatzen ditu liburuan, hasieran bere jazarpenarena eta, geroago eta liburuan zehar, Hannayrena. Espioi alemaniarrek Scudder erail dute, eta Hannay jazarri dute Londresen eta Eskozian barrena. Mozorrotzen eta nortasun anitzak hartzen adituak dira. Haien helburuak lortzeko bidean ez dute eragozpenik onartzen; maltzurrak dira. Onartu behar da Buchanen ikuspuntua espioiei dagokienez ez dela koherentea: alemaniarrak maltzurrak dira nortasun faltsuak hartzen dituztelako; Hannay, aldiz, heroi ausarta eta bertutetsua da gauza bera egiten duenean. Pertsonaia 'xume' asko daude, xumeak paper txikiak dituztelako kontakizunean, eta gizartean dituzten estatusak xeheak direlako. Nahiz eta protagonismo handirik ez izan, kontakizunari kolorea ematen diote, baita umorea ere. Hannayk Eskoziako mendebaldeko pertsonaien bertuteak goresten ditu, eta haiekin barre egiten dugunean, begirunez eta modu amultsuan egiten dugu. Londreseko pertsonaiekin, aldiz, Hannayk erabiltzen duen umore-mota ezberdina da, eta, batzuetan, haietaz egiten dugu barre, burugabeak direlako; kasu, Marmaduke pertsonaia penagarria agertzen denean. Gizon 'handi' batzuk –ministroak, jeneralak eta almiranteak– liburuaren bukaeran agertzen dira. Ziurrenik, goi-mailako politikariek eta militarrek ez lukete parte hartuko halako benetako krisialdi batean: istorioan parte hartzea Buchanen klase horrenganako miresmenaren lagin bat da. Garai historikoa 1914an, gizarte britainiarra industrializatuta zegoen, neurri handi batean, eta, hirietan, hiritar gehienek lan- eta bizi-egoera zailei aurre egin behar ohi zieten. Baina biztanleriaren ehuneko handi bat hirietatik kanpo bizi zen oraindik, eta, herrialdearen industrializazio-prozesua 1830 aldera hasi zenez, mendialdearekin nolabaiteko harreman zuten ia herritar guztiek. Esan daiteke 'Hogeita hemeretzi mailak'-ek aurreko bizimoduaren oroi-mina islatzen duela. Erresuma Batua munduko demokraziarik zaharrena dela askotan esaten den arren, garaiko hautesle-erroldak beste ideia bat ematen digu: emakumeek ez zuten bozkatzeko eskubiderik, ezta gizon guztiek ere (gizonezkoen ehuneko hirurogeik bazuen parte hartzea hauteskundeetan; hauteslea izateko eskubidea etxe-jabetzan zetzan). Hala ere, nahiz eta gaur egungo ikuspuntutik hiritarrek eskubide murriztuak izan, biztanleria ia-ia osoa abertzalea zen, oso, baita inperialista ere. 1914an, Britainiar Inperioak 450 milioi biztanle zituen, gutxi gorabehera, eta 30 milioi kilometro koadroko hedapena zuen. Munduan zehar, ez zuen benetako lehiakiderik, baina, Europan, egoera ezberdina zen: alde batetik, Erresuma Batuak Frantzia eta Errusia zituen aliatuak; bestetik, Alemaniak, Austria-Hungariak eta Italiak elkarren arteko hitzarmen militarra zuten. Ekainaren 28an anarkista batek Franz Ferdinand Austriakoa tiroka erail zuen eta aste batzuk geroago, Lehenengo Mundu Gerra lehertu zen. Gudan, hamar milioi bat lagun hil ziren. 'Hogeita hemeretzi mailak' gerraren bezperan kokatuta dago, eta guda-arriskua kontakizunean zehar antzematen dugu. Liburuaren hasieran, gerra saihestea da kezka; geroago, Erresuma Batuko eta Frantziako datu militarrak alemaniarrengandik babestea, gerra saihestezina dela-eta. Izadia eta paisaia Herri batean jaioa, Buchanek haurtzaroko oporraldiak mendialdean eman zituen, Eskoziako mugaldean. 'Hogeita hemeretzi mailak'-en, alde handia marrazten du hiriaren eta landaren artean. Hirian, Hannay aspertzen da, ia gaixorik sentitzen da; inguruan dituen pertsonaia asko funtsik gabekoak dira. Mendialdean, aldiz, bizirik sentitzen da, adimentsu eta bizkor; bertako pertsonaiak benetakoak dira, eta sustraiak dituzte, nolabait. Izadi-deskribapen ederrak daude Buchanen liburu askotan, eta ‘Hogeita hemeretzi mailak’-en ugari dira. Hirugarren kapituluan, Londresetik trenez atera denean, Hannayk zera pentsatu du: «Maiatzeko eguraldia ederra zen, elorri zuria loretan zegoen landare hesi guztietan, eta ez nuen ulertzen zergatik, lehenago libre nintzenean, Londresen geratu nintzen mendialde eder hauetara atera ordez». Liburuan zehar animalia anitz aipatzen dira –besteak beste, txori-mota asko–, baita landare-espezie ugari ere. Buchanek trebetasun berezia zuen inguru naturalak deskribatzeko, eta egiten dizkigun paisaiek kontakizuna girotzen dute. Gaiak Buchanek hainbat gai lantzen ditu: pertsona baten barruko sendotasuna, adimena eta ausardia; ezezagun bati ematen zaion laguntza; gizartearen eta egonkortasunaren onurak; aberria; espioitza eta gerra. Hala ere, egileak ez digu hausnarketa zuzenik eskaini gai horien gainean: akzioen eta pertsonaien hitzen bitartez mintzatzen zaigu, eta, horrela, geure ondorioak ateratzen ditugu. Estiloa '39 mailak' lehenengo pertsonan kontatzen da, eta Hannayk zuzen hitz egiten digu. Kontatzen digunagatik eta hitz egiteko moduagatik, irakurleak protagonistarekin identifikatu egiten dira hasieratik. Beste pertsonaia batzuek ere parte hartzen dute kontakizunean estilo zuzenean, norberak bere hizkera erabiliz. Zuzentasun horren poderioz, '39 mailak' arin eta gustura irakurtzeko moduko liburu bat da. Maltzurrak badaude –espioi alemaniarrak–, mozorrotuta eta maltzurkeriengatik bakarrik ezagutzen ditugunak. Baina 'Hogeita hemeretzi mailak' ez da zuri-beltzezko liburua. Maltzurren aurkakoa, Hannay, ez da ipuinetako printze bat, haragizko gizonezko bat baizik, eta ezaugarri bereziak ditu. Bigarren mailako pertsonaiak ere pertsonak dira, hiru dimentsiokoak, norberak bere hizkera eta ezaugarriekin: ez dira pertsonaia grisak, eta istorioari kolorea eta xarma ekartzen dizkiote. Dialektoak (edo hizkuntzak) 'Hogeita hemeretzi mailak' ingeles batuan idatzita dago, baina pertsonaia batzuek Londreseko mintzairaz hitz egiten dute, eta beste batzuek –gehiago– eskozieraz edo Eskoziako hegoaldeko dialektoaz. Eskoziako hegoaldeko hizkeraren gaineko eztabaidak –ea hizkuntza ala dialektoa den– hizkuntzalariak bi taldetan banatzen ditu. Batzuek azpimarratzen dute ingelesak eta eskozierak duten antza handia; beste batzuek ingelesdunen mintzaira hori ulertzeko zailtasun handia dagoela ohartarazten dute. Bide-langilearen esaldi bat aipatzearren: «Just take the barry, and wheel eneuch metal frae yon quarry doon the road to mak anither bing the morn»; ingeles batura eramanda: «Just take the wheelbarrow and bring enough stuff from the quarry down the road to make another mound tomorrow morning»; alegia: «Errota hartu, eta, hor den harrobitik, bihar beste tontor bat egiteko bezainbat ekarri». Dena dela, egileak hizkera hori erabiltzeak pertsonaiei sinesgarritasuna ematen die, baita kontakizunari kolorea eta giroa ere. Filmak eta antzerkia 'Hogeita hemeretzi mailak'-en oinarritzen diren zinema-bertsio, antzerki-lan eta irrati-bertsio batzuk daude; besteak beste, lau film. Haietako ospetsuena Alfred Hitchcocken '39 mailak' (1935) da eta, aditu batzuen arabera, zuzendari beraren 'North by Northwest' (1959) ere Buchanen kontakizunaren moldaketa bat da. Hitchcockek izenburua aldatu izana –'hogeita hemeretzi' '39' bihurtu zuen– esanguratsua da: pelikula nobelan oinarrituta dago, baina ez du modu zehatzean islatzen Buchanen istorioa. Iturriak eta ondarea Espioitza-nobela generoan, 'Hogeita hemeretzi mailak'-ek bi aitzindari ditu: Joseph Conraden 'Agente sekretua' (1907) eta Erskine Childersen 'Misterioa hareetan' (1903). Buchan eta Edmond Ironside jenerala ezagutzen zituzten lagun batzuen arabera, Buchanek Richard Hannay pertsonaia osatzeko militar britainiarren bizitza oinarritzat hartu zuen. 'Hogeita hemeretzi mailak' ihesaldi-kontakizunen aitzindaria izan zen eta, besteak beste, Geoffrey Householden 'Rogue Male' (1939) eta Ian Flemingen liburuak (1953-1964) –James Bond protagonistarekin– horren ondorengo zuzenak dira. Aritz Branton Donostia, 2017ko otsailean http://www.booktegi.eus/
booktegi.eus JOSE MARI ZENDOIA SAINZ itsasoaren hotsak Liburuxka honetan 2006 eta 2010 artean idatzitako hainbat olerki eta prosazko testu batzuk aurkezten ditut. Bildumari “Itsasoaren hotsak” izena jarri diot, eta lan guztia zeharkatzen duen haria itsasoaren ideia da, berezkoa ala metaforikoa. Aipatu haria jarraitzeko, zenbaitetan aurkezpen testuak agertzen dira ere. Nik egindako argazkiak liburuaren osagarri dira. AURKIBIDEA ZURRUNBILOA BERRIRO IRUDIAK HITZERAINOKO BIDAIA ARRATSALDEKO FAROA NEKATURIK HAUSKORRAK EDUKIA EGUN ARGITSU ETA GOIBELEN OROITZAPENA HUTSUNEA WILAYA DAKHLA ZORTE ONEKO IZARRA ERREALITATEA HITZEN ESPIRALAK HONELA ERORIKO GARA ITSASORA BERRIRO ORAIN ZERTARAKO BILATU GAUAK ETORBIDEA BOTILAKO MEZUA ONTZIAREN ARRASTOA, UHARA NAHI IZANGO NUKEENA Itsasoetako korronteek eramango gaituzte datozen lerroetan, batzuetan noraezean, besteetan lur muturren aurka, agian ur sakonetara. Igaro dezagun atea eta egin dezagun jauzi itsasoko zurrunbiloetara. ZURRUNBILOA Irudiak datozkit burura, itsasadar urdinaren gainean, antxetak garrasika bezala. Urduri, multzoka batzuetan, besteetan banaka, arroketatik zelaietara datozkit ideiak garrasika. Inguratzen dute nire burua, gora eta behera dabiltza oihu karrankariez lagunduta, zurrunbiloan alde egiteko gero itsas aldera, olatuen gainetik antxetak, irudiak nire ibaiaren bokalean desagertuz garrasika. BERRIRO Berriro harriak udaberrirako joanean, haitz beltzen aroa. Elurra urtu zen bakardadearen garaian, elur zuria. Hodeiek estali zuten sumendiaren tontorra, nik eguzkiaren epela jasotzen nuela biluzik eta bakarrik. Gaua iritsita, ordea, amodio ezkutuarekin jolasean topatu nuen nire burua, nire gorputza, belaunaldien arteko harreman isilean. Harri beltzezko eremu mortuan haize umeleko bolada iheskorrean elur urtuaren magalean itsaso beltzaren gainean irudizko hutsunea itxuraz estaltzen orain arte, negua berriz iritsi arte, harri beltzezko hondartzak beste behin zapaldu arte eguzkiaren epela ostera jaso arte apar zuriaren bakardadea irensten, berriro. IRUDIAK Itsas ertzetik oinez noa olatuen indarra, haizearen patxada: ezinegona. Ez dago inon, ez da ezer baina gurekin dator denbora etenik gabe. HITZERAINOKO BIDAIA Itsasoko hondo ilunetan sortzen da, alga eta bakterien artean, nire bizitza eta, isilean, igoera geldo batean iristen da aldizkako izpietara, esparru goreneko bat-bateko argialdi distiratsuetara. Harmonian limurtzen dut gorputza ur gardenen artean, kolore, inguru, epeltasun zuri-urdinen nahasketan. Horrela, arrain abisal baten antzera hegalak hankekin ordeztuz, ibilera nagian arroka eta hondarretara irteten naiz; lurra, airea, eguzkia, erronka diren oztopoak, eta nire aurreko bizitzan ezezagunak ziren gutizi berriak bilatzen ditut; nire zorioneko ibilbide zalantzazkoan unibertso berriek –areriozko zein zoragarriek– beren baitan hartzen naute. Bildu, ni naizen izate izan gabeko honetatik aldendu, itzuli eta eraldatzen naiz aldatu gabe itsaso-hondoa, arrastaka igo ninduen korrontea, gaineko aldaketa eta bilakaera aldakorra. Gorputza eta bizitza berregin, orno eta hezurdura luzatu, pentsatu eta sentitzen dut –ze plazera pentsatu eta sentitzea–, eta zure mundua igartzen dut, bertatik so egiten diezula bere hondoan sortu ninduen itsasoko olatuei, eta azkenik zuregana heltzeko modua aurkitzen dut: hitza. Orain zure erresumako biztanlea naiz. Eta argitsua bada, iluna ere, itsasoa... eta horregatik jartzen dizkiogu faroak, gidatu gaitzaten, jakin dezagun non gauden eta nora goazen. Badauzkagu faroak hemen, portura eramaten gaituzten faroak. ARRATSALDEKO FAROA Farora iritsi gara berriz, gure farora. Baina itxuraldatuta dago, bere bakardadean zahartuta. Gogoratzen, garai zaharretan, bertara hurbildu eta ontzien sirenak entzuten genituenean? Gau osoa argiaren etengabeko joan-etorria zelatan, zorabiatzen ginenean? Gaurkoan, egun argiz itzuli gara bertara eguzkia sartaldean amiltzen denean, eta ez dugu zereginik, ez dugu zer esanik, iluntzen duenean ez dugulako ontzien zaratarik entzungo, gauaren isiltasunean ez garelako gehiago zorabiatuko, garai zaharren zirrara agortu delako. Itsasoak ez du gure argi ibiltariaren beharrik eta gu, ezinbestean, ontziak bezala, laguntzarik gabe geratu gara portu berrietara arriskurik gabe hurbiltzeko. Badugu nahiko lan ez bagara geratzen harrapaturik, nekeak jota, itsas beherak uzten dituen putzuetako batean! Agian orduan beldurrak harrapatuko gaitu. Beldurrari ezin zaio uko egin, gehienera ere eskutik heldu, eta gurekin eraman. NEKATURIK Zur ederreko altzarien kolore ilunaren ordez plastikozko apaletako gris itzaliak betetzen ditu egongelako paretak, zuhaitzetako hosto zabalen artetik txolarreen txioak entzun ordez itsas ontzien eta trenen zarata datorkit, eta droga izugarrien eraginpean egongo banintz bezala beldur irrazionala jasaten hasten naiz, ulertezina eta arrotza, erotasunetik gertukoa, ingurukoengan sumatzen ez dudan erotasuna, urruna eta sakona, beldurretik gertukoa, garai zahar eta ahaztuak biziberritzen dizkidana. Baina zuretzako prestatu behar nuen abestia eskuetatik joaten ari zait oraintxe, eskaini nahi nizun olerkiaren lerroak leihoaren zirrikituetatik ihesi doaz, eta berriro nire onera etortzen saiatzen naiz, alperrik eta nekaturik, agortuta abuztuko galsoroen antzera, itxaropenik gabe eta unaturik, itsasbeherak arroketan utzitako putzu gazi eta beroen modura. HAUSKORRAK Nire laguntza nahikoa ez denean ezin zaitut erortzen ikusi. Zure gaztelua erortzen hasten denean ezin naiz bertara sartu. Bidelagunak topatzea zaila delako ahaleginak egin behar ditugu aurreiritziak bide bazterrean uzten. Harri txingor batek ez dezala, arren, airean arinki eskegita dagoen eta balantzaka jarraitzen dugun ibilbide hau oztopa. Hauskorra baita dena inguruan, hauskorrak loreak, hauskorrak harriak, gu bezain ahulak zuhaitzak, gu bezain arinak hodeiak. Hartu harri txingorra eta gazteluko horma osatu, hartu zuhaitzen enborrak eta geletako sabaiak indartu, hartu loreak, maitea, eta etxe osoa apaindu hodeien arintasunak zerua estaltzerik ez baitu. Honakoa joko bat da, non gauza bakoitza bere lekura itzultzen den, olatuek atzera jotzen duten moduan. EDUKIA Hartu dut metalezko pote txikia mahai gainetik. Ireki dut. Hezetasunak hartu du barruko tabakoa, eta hainbeste denbora igarota, usteltzen hasia da. Kiratsa dario. Sudurra potetik urrundu eta berehala itxi dut. Hartu dut liburua apaletik. Ireki dut. Orri batzuk erori zaizkio: liburuen udazkena. Lizunak hartu ditu lotuta geratzen diren gainerako orri gehienak, eta letrak desagertu dira. Ezin da ezer irakurri. Azala itxi eta berehala utzi dut berriro liburua apalean. Hartu dut ardo botila sukaldetik. Ireki dut. Edalontzian ardoa isurtzen hasi orduko ikusi dut galduta dagoela, ozpinduta, gardena desagertuta… Ardoa arraskatik behera bota, eta botila zakarrontzira eraman dut. Hartu dut zure eskutitza postontzitik. Ez dut ireki. Bego bere edukia nire gogoan usteldu, lizundu, ozpindu gabe. Balio izango al du iruzurrak? Badaezpada, postontzian sartu dut berriro zure eskutitza. Itsasoa lur eremu zabaletan topatu izan dugu, hala nola tarterik huts eta ahaztuenetan. Iragana ere zabaltzen zaigu aurrean aintzira ilun bat bezala, eta etorkizuna, misterioz betetako ibaia bezala. Eta oraina, eskuetatik ihes egiten digun hondarra bezala. EGUN ARGITSU ETA GOIBELEN OROITZAPENA Gogoan dut, eguzkiaren beroak kristalaren bestaldetik kiskaltzen nauen honetan, gogoan dut, uda hasten ari den egunean, beste uda hartako oporraldi hura, zu gabe, zu gabe egiten nuen lehena, modu hartan gehiago ezin egon eta zureganako beharrak telefonoz deitzera behartu ninduena. Zure ahotsa bestaldean, maitasun izpi bat eskainiz, irribarre soil bat harian luzatuz, hura zoriona. Galdetu zenidan egun haietako sargoriari buruz, jakin nahi izan zenuen nitaz, nire bakardadeaz, egun argitsu baina goibel haien tristura uxatuz. Baina banekien itzuleran ez zinela nirekin izango, zoriontasuna unean unekoa dela, eta ez betirakoa, telefonoa eskegita egun argitsu baina goibel hartan jarraituko nuela orduak igarotzen, lur muturreko harkaitzak bezala, geldirik. Banekien ere, itsasoaren korronteetan lanpernak arrokara bezala, horrela geratua nintzela ni, zuri lotuta, bizipen arruntek, orain hara orain hona, ninderamatela. HUTSUNEA Isilik egon zaitez, isilean, malkoak irtengo zaizkit zure ahotsa entzutean. Mutu geratu, arren, beldurrak ezin baitu zure hitza jasan. Aditzik gabeko esaldiak, doinurik gabeko soinuak. Atxiki nazazu zure isiltasunean, lotu zure hutsunean, heldu zure gabezian. Isilik egon, irudimenak zure hitzak sor ditzan. Mutu geratu, nire baitan zure esaldiak amesteko. Aska nazazu zuri lotuta geratzeko. Beldurrak ezin baitu zure hutsa jasan. Hitzek ezin baitute zure eza bete. Irudimenak ezin baititu zure hitzak sortu. Esaldiak ez baitira ezer aditzik gabe. Ni ez bainaiz zu gabe. Ni… zu… gabe. Itsasoen artean itsasoena, baina itsasoetako uretatik urrun, Saharako basamortua. Gaueko zeru beltza izarrez josia, eta eguneko hondarra, haizea, eguzkia, beste mundu batean egotearen konstatazioa, eta halere, etxean bezala izatearen pertzepzioa. WILAYA DAKHLA Dena hasi zen Dakhlatik atera baino lehen, bezperan, Clubeko atarian eserita nintzela ilunabarra begira. Hautsa sartu zitzaidan sudurrean, eztarrian, begietan, eta ezin izan nion eutsi marrantari. Paralisi moduko batek giharrak gogortu zizkidan, eta han geratu nintzen, lurrean botata, belaunak minduta arrastaka ibilitako oinetakoen gainean. Gau ilunak ez zuen ezer konpondu, izarrak eskura eduki izan nituen arren. Biharamunean, hondarrezko adreilu ilara tartekatuaren irudiak eztanda arazi zuen zeru zabala. Bakar bakarrik egon nintzen une batez, jendez inguraturik izan arren. Dena bilduta zegoen han, nire hamabost urtetako ezjakintasuna, nire gaztaroko xalotasuna, bide erdian edo bide ertzean galdutako amodioak, heldu garaiko heldutasuna, nire amaigabeko pazientzia eta gauza txikiekin liluratzeko gaitasuna. Bizitza berriro ere bizi izan nuen, presaka, jakin bainekien horrelako une xarmagarriak errepikatzeko aukera agortu dela. Zoritxarrez. Gero etorri ziren agurrak, eta Lekheilaren negar zotinak, eta Mamaduren besarkadak, eta umeek antzematen zuten etorkizun zapuztua. Eta ondoren, ezer eza, hutsa, zeru eta lur guztiak garbi garbiak, hodeirik ez, belarrik ez, biderik ere ez handik alde egiteko, argia soilik, hondarrezko itsasoa, eta nire malkoak. Ezin nuen jasan jende hura ezer ezaren erdian abandonatzea, baina inozoa ni, haiek dira ni abandonatu nautenak guzti honen erdian. ZORTE ONEKO IZARRA Zorte oneko izarrak gidatzen nau, antza, eta ni konturatu ez. Lasaitasun osoa nire barnean, ustez, gauez eta egunez. Ez dakit ondo zergatik, ez dut gogoratzen non edo noiz idatzi nuen, baina ondoko olerkia berrirakurtzerakoan kresala usaina datorkit gogora. ERREALITATEA Erabilitako pospolo bat hautsontzian, eta zigarroaren hondarrak, kearen azken zirimolak leihotik sartzen den haizearen baitan. Norbait egon da hemen duela gutxi, irratian ahots batek atzerriko hizkuntza batean dihardu, euli bat bidai txiki bat egitera ausartzen da sukaldetik korridorera, bizilagunaren pausuak entzuten dira portaleko eskaileretan behera bere etxeko atea giltzatu ondoren, errealitatea horrelakoa da, bakartia, soinu arrotzez betea eta ahots ezagunetan eskasa, haize korronteek desitxuratua, bazkal ondoko ordu lasaietan. Noizbehinka idazteari buruzko hausnarketa egiten dut, batez ere idazteko inspiraziorik ez dudanean. Eta ustekabean, lerroak beren kabuz orria marrazten hasten dira, eta konturatzerako orriaren zuria irudiz beteta dago, hitzek sortutako irudi ulertezinez beteta. HITZEN ESPIRALAK Ezintasuna adierazten duten lerroak errepikatzea ergelkeria da, ezintasuna ez baita konpontzen lerro antzuekin. Baina askotan besterik ez da geratzen, ezintasunaren konponezina azalerazteko. Ba al dago beste egiterik? Cognac on bat kristalezko kopa ederrean, garraztasun denak bere horretan jarraitzen duela usain gozoaz dastatzeko. Hozkirriaren aurka ibiltzea, artilezko txanoa jantzita, gorputzak sufritzen duen bitartean burua epel mantentzeko. Jendeari begiratu kalean, kontent egoteko aukera zein gaizki banatua dagoen ondo ikusteko. Hitzak idatzi, haiek zer edo zer ebatziko dutelakoan, eragiketa matematikoek zenbakizko problemak ebazten dituzten bezala. Hitz multzo bat, orden egokian jarrita, soluzio bila. Hitz ederrak, edo itsusiak, haien osotasunak askatuko gaituen esperoan. Esaldi borobilak, edo eliptikoak, edo laukizuzenak, amaigabeko espiralak biran ipintzea: hori da idaztea. Baina ezintasuna adierazten duten lerroak errepikatzea ergelkeria da. Zeroen aurretik zeroak idaztea bezain hutsa, zeroen ondoren zeroak idaztea bezain inozoa. HONELA ERORIKO GARA Mundu honetako dukesa guztiek askatasuna oparituko digute noizbait eta ez dugu jakingo zer egin, utziko ditugu mahastiak eta hirira hurbilduko gara ezer gabe bizitza nola bizitzen den ibai gorrian ikasi genuelako, ez kalean, ez aldapetako etxeetan. Ezagutuko ditugun eginkizun berriak irabazitako askatasuna baino astunagoak dira, dukesaren espetxetik errespetuzko arau faltsuen kartzelara igaroko gara handiki ikusezinen legera, lurra lantzeko lanabesen ordez tresna berriak erabiltzera behartuta, jakintza zaharren babesik gabe ohitura berrietarako gogorik gabe aldapan behera eroriko gara eraikin erraldoien artean eta dukesak ezarritako lege gogorra, berak jakin gabe, gure nahietara aisa moldatzen genuela gogoratuko dugu. Mahastiak eta gezurrezko tenpluak utziko ditugu eta haiekin eroriko gara. Irakurri ditudan libururik gustukoenen artean, bik izenburu hauek zuten: “Olatuak” batak, eta “Farorantz” besteak, Virginia Woolf-ek idatzitakoak biak ala biak. Olatuak farorantz, olatuak farorantz... itsasotik ezin alde egin, itsasora berriro: olatuak farorantz. ITSASORA BERRIRO …lau egun ez dira asko itsasotik urrun egoteko eta halere, hondartzaren ertzetik ibili gauerdian, argi ahula kresalaren artean… Lerro paraleloak dira, zuriak itsaso beltzaren aurka, eratzen dira eta deseratzen hondarretara gerturatu ahala. Itsaso beltzenaren sakonean lehertu egiten dira burrunba ozen eta sakon batez, alderik alde hedatu eta azalera beltzaren gainean gerturatzen dira, bata bestearen atzetik erritmo iraunkorrean, zipriztin arin batez hiltzeko hondarrak xurgatuta. Eta iruditzen zait ondoan dudala Virginia Woolf, olatuak deskribatzen: egunsentikoak, goizerdikoak, eguerdiko eta arratsekoak, eta hotzikara batek astintzen nau goitik behera. Eta iruditzen zait ondoan doala Alfonsina Storni, bere sonetoekin itsasora berriro. ORAIN Aukera galtzen utzi zenuen eta orain, keinu uzkurrez bere txantxak gogoratzen dituzu, bere eskuak zure gorputzaren gainean, bere irribarre zabala eta bere algarak, zabalagoak gau alaien ostean, zure belarrietan entzuten dira orain, beste basoetan, iritsi ezin dituzun beste urbazterretan bilatzen ari dela susmatzen duzunean, orain, badakizunean zure denbora, berea, lertxun dardaratien hostoekin batera ur gainean geratu zela, eta hosto haiekin joan zela, horixka, zubian behera desagertu arte, zure bizitzari lapurtutako azken lasto lehorren artean. Beti gabiltza gauza galduak bilatzen, itsaso zabalean paradisuko giltza aurkitu nahian-edo, hodeien artean zoriontasun izpiak harrapatu nahirik-edo. Gehienetan ahaztu egiten dugu gertuago daukagula behar duguna, begiak itxita ia-ia nahi dugun hori eskura dezakegula. ZERTARAKO BILATU Zertarako bilatu gogoaren baitan, bilatzen duzuna mila alkandoren azpian ezkutaturik balego bezala, nahi duzun hori aurkitzeko harribitxiak antzemateko gailua, iparrorratza eta mezu arakatzaileak beharko bazenitu bezala. Zertarako bilatu anabasa horretan, trastez betetako ganbara ilunean, liburu zaharrek gainezka betetzen dituzten apaletan, aurrera so eginda begi erdi hertsiez antzeman badezakezu lasaitzen zaituen argitasun arina, sumatu ahal baduzu gidatzen zaituen ziurtasun epela, aurkitzerik baduzu lurrean egonkortzen zaituen oreka. GAUAK Eta zer geratu da hartaz? Gau bat, ehunka, harrizko paretaren aurka bermatuta, aparra galdutako garagardo bat eskutan, barraren ertzean. Iluntasunean ezkutuka, alderik alde erdi galduta, bizitzari tunel bat irekiz egunerokotasunetik ihes egiteko, antolatu genuen beste mundu batera igarotzeko lurrazpiko bidea, ustez mundu egonkorra eta aldi berean lausoa, etenik gabe luzatutako inauteria. Eta zer geratu da hartaz? Oroimenaren zirrikitu batean gordetako aztarna txikerra, itsumandoka bildutako gau beltzen argi zurbila, arraunlari besamotzen antzeko mila ziabogen zorabioa. Ezer ez gehiago, agian, bide ertzean ikusitako gertaera guztien arrastoek utzitako lore ximelak. Itsaso osoa nire gogoan, eta miraririk harrigarrienak ere nire baitan daude. ETORBIDEA Nire arimara doan etorbidea hartzeko gogoa izan nuen, tarteka udaberriz jantzitako zumarren artean, tarteka zoruan zabaldutako zuloak saihestuz, eta hiribildura hurbildu nintzen horrela, harresi barruko gunera, nire aberri kutunera. Azokak zeharkatu nituen etxeetako atarietan zintzilikaturiko salgaien artean, auzune garaiak eta zabortegia ere ikusi nituen, harrizko eraikuntzetako enparantzak eta estolda irekiak. Han egon nintzen, paseatzen, bazter ezezagunak ezagutzen, begiratzen nuena gogoratu nahian, baina atzerako bidean, zumardi zulatuan nire arimatik datorren etorbidean oroimena galdu egin nuen. Itsasoak lotzen ditu hango eta hemengo kostaldeak, itsas korronteek eramaten dituzte hemengo zuhaitz adarrak munduaren beste aldera, eta handik mezuak ekartzen dizkigute, botiletan sartuak. BOTILAKO MEZUA Neure kostaldera iritsi zinen itsasoa bare zegoen iraileko egun batean, beira marroi iluneko botila bezala, baina hitzez idatzitako mezurik gabea. Mezua zeu zinen, zeure gorputz osoa, zure atal bakoitza, begi beltzak, botila itsasoan gidatu zuen masta sendoa. Nik ahoratu nituen zure ondasunak zu laguntzearren, nik laztandu nituen zure lore muinak ongietorria emateko irrikaz, eta nire ahoan geratu da, nire eskuetan, botila husterakoan eskaini zenidan likorea. Ez zenidan hitzik esan, mezua zure baitan zetorren. ONTZIAREN ARRASTOA, UHARA Bidaiari-ontzi handia, eta ni txopan, baranda zuriari ondo helduta itsasoari begira. Ontziaren azpitik gora datoz zurrunbiloak trumilka apar zuri fina etengabe mugituz, eta aparra itsasoko azaleran geratzen da kulunkan ontziak aurrera jarraitzen du eta. Nabarmentzen da barkuak itsas irekian utzitako uhara luze zabala: itsasoaren amaiera eta zeruertzean desagertzen da; begiradak harrapatzen duen eremu osoan uraren kolore urdin iluna eta zeruaren urdin garbia. Ez dakit nondik nora doan ontzia, ez dakit zein itsasotan, ez dakit zenbat denbora daramadan txopan barandari lotuta, begirada ur arrastoan galduta, bakarrik dakit ipar-ipar-ekialderantz doala barkua, eta ni bakarrik nagoela txopan beltzez jantzita, zeruan eguzkia astiro mugitzen delarik eta uretan ontzia. Motorren zarata ur azpiko makina gelatik barku osora hedatzen da poliki, ia entzunezina izan arte, haizeak fin jotzen du, hotza ari du, baina ez da nabari, ez da ezer nabari, ontziaren uhara itsasoan galtzen delarik. NAHI IZANGO NUKEENA Aipatu ditut gauak eta egunak, aipatu zaitut zu, eta besteak, nire buruaz ere aritu naiz eta igaro dira hemendik hodeiak, loreak, ekaitz eta bareak, harri arinak eta argi sendoa, eta abeslarien hitzak bezala, poeten doinuen modura geratu da beti orriaren eremu zuria ezin bete, ezin osa, ezin bizi. Etorri zaizkit burura oroitzapen ederrak, begirada mingotsak, egoera ahaztuak, baina edalontzi hutsaren antzera ardoaren zain, horrela utzi ditut tarteak, ahora eramateko zukuaren itxaroan. Beste zerbait baitago nonbait, hona ekarri ez dudana, grina, mina agian, plazera, barruan eduki nahi izango nukeena. Epilogoa Hauek dira nire itsasoak, hauek nire hotsak. Hauek izan dira honaino ekarri nauten ur korronteak. Zuhaitz enbor bati helduta, olatuek naramate hondartzara.
ALDE, SANDOKAN Oraindik ez zen ekaitza baretu. Gaua haserre zegoen. Haizeak ulu egiten zuen adar tartetan. Hauek zeharo okertzen ziren, hautsi nahiko balute bezala. Hostoak, milaka, hega larrian zebiltzan. Noizbehinka, tximista ikaragarri bat lehertzen zen. Laino beltzak gogorki urratzen zituen. Eta basoko landare handienen arteko bat ipurdiz gora jartzen zuen. Baina ekaitz hori ez zen nahikoa bi piraten ibilaldia mozteko. Ez ziren beldurtzen eta aurrera jarraitzen zuten. Errekara iritsi nahi zuten han itsas ontziren bat babestu zen ala ez ikusteko. Euria goian-behean ari zuen. Haiei, ordea, ez zitzaien axola. Berdin zitzaien. Basoan aurrera zihoazen. Arretaz eta kontuz, bertako zuhaitz adarren bat buru gainera eroriko ote zitzaien beldurrez. Tximistak erreka bazterrak argitzen zituen. Laster iritsi ziren erreka bokalera. Ilun egon arren, egunez baino hobeto gidatu gara —esan zuen Yañez piratak—. Izan ere gau hau, zortea da. Sandokan urbazterrera jaitsi zen. Eta tximista baten argiaren zain egon zen ingurura begirada bat botatzeko. Begiratu zuen: — Ezer ere ez! —esan zuen erdi ixilik—. Zerbait gertatu ote zaie bada nire itsasontziei? — Nik uste dut, hartu dituzten babeslekuetatik oraindik ez direla mugitu ere —erantzun zion Yañez piratak—. Beste ekaitz baten beldurrez egongo ziren. Zuhurrak dira eta ez ziren mugitu ere egingo. Zuk badakizu, oso zaila da horrelako haize eta olatuekin lehorreratzea. — Errezelo gogorretan nago —Yañez. — Zeren beldur zara ba? — Ur azpira joan ote diren beldur naiz. — Ez ba! Ez dut uste. Gure itsas ontziak oso sendoak dira! Egun batzuk itxaron eta ikusiko duzu. — Baina, badia honetan elkartuko ginela hitz eman zuten, ezta? — Bai, egon lasai, etorriko dira eta. Orain bila dezagun aterpe bat. Uholde gaitza ari du eta ez dirudi ekaitz hau oraindik baretuko denik. — Bai, eta non? Girol-Batol hark egindako txabola aurkituko bagenu... Ez litzateke txarra izango. Baina, ez dut uste uharte honetan aurkitzeko gauza naizenik. — Sar gaitezen platano haien tartean. Bere hosto haundi horien azpian babes bikaina aurkituko dugu. — Horretarako, hobe dugu aterpetxo bat egitea. — Arrazoia duzu. Ez zitzaidan bururatu ere. Ekaitza ez zen gau guztian baretu. Goiz aldera, ordea, lasaitu zen eta bi piratek lo sakona egin zuten hamarrak arte. — Goazen gosari bila —esan zuen Yañez horrek, begiak ireki bezain laster—. Ia gaur ere ostra haundiren bat aurkitzen dugun. Badia aldera zuzendu ziren. Hegoaldeari jarraituaz. Harkaitz tartean ostra eder ederrak topatu zituzten. Eta baita beste oskoldunak ere. Horretaz gainera Yañez itsaslapurrak, platanoak, laranjak eta abar ekarri zituen. Gosari oparo hura bukatu bezain laster, itsasontzi bila joan ziren berriro. Ipar aldera. — Agian zaparrada honek ez die hegoaldera etortzen utzi —Yañezek. Haizea kontrakoa izan baitute denbora guztian. — Hala ere ez nago lasai —erantzun zion Malasiako tigreak—. Kezkatua nago. Berandu etortze hau ez zait normala iruditzen. — Ba! Gure gizonak itsasgizon trebeak dira. — Mariana horrek aurkitu ote du gure abisua? Zer iruditzen zaizu? —galdetu zuen Sandokanek. — Seguru baietz. — Orduan etorriko da zitara. Ez da dudarik. — Ahal badu bai. — Zer esan nahi duzu, Yañez? — Lord James zelatan ote duen beldur naiz. — Dena dela, zitara joan behar dugu. Bihotzak ikusiko dudala esaten dit. — Ederki. Baina zuhur jokatu. Dudarik ez izan Sandokan, parkean, eta basetxean gudariak egongo direla. — Hori badakit lehendik ere. — Bada, ez gaitzatela ustekabean harrapa. — Patxadaz jokatuko dut. — Agintzen al didazu? — Hor doa nire hitza. — Orduan, aurrera. Zuhur eta mantso, basetxe aldera abiatu ziren. Baina erne, ze bide bazterretan tranpak egon bai zitezkeen. Ez zen han erortzea giro izango. Parke ingurura iritsi ziren. Arratsaldeko zazpiak aldean. Ilunabarrak oraindik uzten zuen argiuneari esker basetxea begiratu eta aztertu zuten. Ez zirudien inguru hartan zelataririk zegoenik. Batak besteari lagunduaz pasa zuten hesia. — Basetxeko leiho batetan ofizial bat ikusten dut —esan zuen Sandokan piratak. — Eta nik zelatari bat etxearen izkina batean —Yañezek—. Gaua izan arren, gizon horrek hor segitzen badu, eragozpen haundia egingo digu. — Orduan, beste aldera bidaliko dugu —Sandokanen hitzak. — Ez ote litzateke hobe ustekabe harrapatu eta mutur lotzea? Ba al dugu sokarik? — Nire gerrikoa, agian. — Ondo dago... Baina... alu aleenak! — Zer ikusi duzu, Yañez? — Ikusi leihoak. Denetan burdin sareak jarri dituzte! — Urde zikinak —erantzun zuen Sandokan berak. — Anaia maite: Lord James horrek, ondo ezagutzen ditu Malasiako Tigrearen ohiturak. Hori da gero... — Orduan, Mariana bera ere ondo zaindua egongo da. — Ziur baietz, Sandokan. — Eta ez ote da zitara etorriko? — Agian ez. — Bada, nik ikusi behar dut, nola edo hala! — Nola edo hala? Baina, nola? — Leihora eskalatuaz! Ez al didazu zerorrek galdetu, sokaren bat ekartzeko esan didazunean? — Eta soldaduak begiztatzen bagaituzte? — Borroka egingo dugu! — Biok bakarrik? — Ez al dakizu izugarrizko beldurra digutela? — Bai, bai, hala da baina... — Guk haien arteko hamarrek baino gehiago dezakegu. — Bai, bai. Baina balak ez dute barkatzen. Begira, begira! — Zer ikusten duzu? — Soldadu batzuk. Badoaz —esan zuen portugaldarrak zuhaitz baten gainetik. — Eta nora doaz? — Parketik irtetzera doaz. — Inguruak zelatatzera ote doaz bada? — Agian bai. — Hobe guretzat. Sandokan altxatu zen. Basetxera joan nahi zuen. Nahiz eta bidean soldaduekin aurpegiz aurpegi ikusi behar. Baita Yañez ere. Altxatu zen eta Sandokani besotik heldu zion. — Lasai, anaia! —esan zion—. Zuhur jokatuko duzula agindu didazu. — Ez dut inoren beldurrik —Sandokanek—. Denetarako prest nago. — Nik, ordea, oraindik maite dut nire larrua. Ez al zara oroitzen izkinan dagoen zelatari horretaz ala? Zelatari gaztea, ordea, erdi lotan zegoen. Ez zuen asko espero inork molestatuko zuenik. — Prestu al zaude Yañez —galdegin zion Sandokanek. — Aurrera! Basakatuek baino salto haundiagoa emanaz, Sandokanek zelatariari lepotik heldu zion. Bota zuen lurrera. Eta atzetik Yañez. Mutur lotu zuen. Gero esan zion: — Erne! Mugimendu txikiren bat egiten baduzu bihotza erdibituko dizut. Gero esan dio Sandokani: — Orain igo zaitezke. Ba al dakizu zeintzuk diren leihoak? — Noski, baietz —erantzun zion besteak—. Mahats parral horren gainekoak. Ai, Mariana! Hemen nagoela bazeneki! — Lasai, anaiatxo, lasai. Ikusiko duzu eta, ez bada deabrua tartean jartzen. Bat batean, ordea, pauso bat atzera jo eta izugarrizko marrua bota zuen Sandokanek. — Zer da? —galdetzen dio Yañez lagunak zurbil-zurbil. — Bere leihoak ere burdin sarez itxi dituzte. — Ez zaio axola. Horrek ere badu bere erremedioa. Harri koskor batzuek hartuaz, leihoko kristalaren kontra bota zituzten: kaxka-kaxka. Bi itsaslapurrek arnasa ito nahi zuten, emozio biziz. Ez zuen inork erantzun. Yañezek ostera beste harri koskor bat bota zuen. Gero bestea, eta bestea. Halako batean leihoa ireki zen. Ilun egon arren, Sandokanek emakume baten itzala nabaritu zuen han. Baita berehala ezagutu ere. — Mariana! —esan zion neska gaztearengana besoak altxatuz. Itsaslapurra ikustean, neskak oihu gozo bat bota zuen. — Animo Sandokan! —esaten dio Yañezek neska agurtzen zuen bitartean—. Igo zaitez leihora, baina azkar ibili, ze hemen nahiko arriskuan aurkitzen gara eta. Erbiak baino bizkorrago salto egin zuen. Mahatsaren ondotik laster iritsi zen leihoraino. Trinko heldu zion burdinsareari. — Zu al zara, zu al zara! —esaten zuen neskatoak emozio biziz. — Mariana! Nire maite maitea! —erantzun zion Sandokanek eztarria itoaz. Azkenean ikusten zaitut. Oraindik ezagutzen al nauzu? — Bai, Sandokan, une guztietan oroitzen naiz zutaz. Hilda zeundela uste nuen eta... Hau poza! Ezin zait barruan kabitu. — Beraz..., hilda nengoela uste zenuen, ezta? — Bai. Eta ez dakizu ongi zenbat negar egin dudan horregatik! — Bada, hementxe nago bizi-bizi. Malasiako Tigrea ez da hain erraz hiltzen. Zure herritarren tiro artetik min txikirik ere hartu gabe aldegin nuen. Itsasoa pasa dut. Nire mutilei deitu diet. Eta hemen nator ehun tigreen buru bezala zu salbatzera. — Sandokan! Sandokan! — Orain entzun iezaidazu: jarraitu zuen piratak—. Hemen al dago Lord? — Bai, hemen dago. Eta gatibu nauka, zu itzuliko ote zaren beldurrez. — Soldaduak ikusi baititut. — Bai, soldadu askok zelatatzen naute. Beheko etxebizitza bete beteta dago. Ez didate pauso bat ematen ere uzten. Nire tigre maitea. Beldur naiz, ez ote garen sekulan elkartuko. Nire osaba horrek ez luke inola ere onartuko. Ahalegin guztia egingo du. Beldur naiz, ez ote naizen sekulan zoriontsu izango. Orduan bertan, mahats azpian txistu soinua entzun zen. Marianari, oilo ipurdia atera zitzaion gorputz guztian. — Entzun al duzu? — Bai, lasai, Yañez da. Dagoeneko urduri baitago. — Agian arriskuren bat ikusi du. Agian iluntasun honetan zure aurka tranparen bat botatzen ari dira. Ai Jainkoa, iritsi da agurtzeko ordua! — Mariana! — Berriro elkar ikusten badugu!... — Ez horrelakorik esan, maitea. Noranahi eramaten bazaituzte ere, hara joango naiz ni zure bila. — Bai, eta bitartean... — Ordu gutxiren kontua besterik ez da. Agian bihar bertan etorriko dira nire mutilak. Murru hauek desegingo ditugu guk. Berriro ordea, txistu soinua entzun zen. — Zoaz azkar, zoaz azkar. Arrisku handiren batetan zaudela iruditzen zait. — Ez naiz beldur! — Zoaz, Sandokan, otoi, zoaz. Harrapatu baino lehen, alde egin ezazu. — Utzi! Utzi behar zaitut! Hau mina! Zergatik ez ote ditut nire mutilak ekarri? Haiek erasotuko zuten etxea eta... — Zoaz, Sandokan, zoaz. Inguruan pauso hotsa entzuten dut. — Mariana! Une hartan, ahots zakar bat entzun zen gelan: — Miserablea. Lord jauna bera zen. Eta Marianari besotik heldu zion. Une berean beheko etxebizitzako zerraila soinua entzun zen. — Ihes! -oihu egin zuen Yañezek. — Ihes! —esan zion Marianak. Beraz, Sandokanek antzeman zion arrisku bizitan zegoela. Salto handi bat emanaz, mahats adarren gainetik lorategira iritsi zen. PRESTU KARABINA! Beste edozeinek hautsiko zituen bi hankak halako salto bat emanaz gero. Baina ez Sandokanek. Pantera bat bera baino biziagoa baitzen. Salto egin bezain laster, altxa eta hartu zuen eskuan ezpata. Norbait bazegoen ere larrua defendatzeko. Han zegoen zorionez Yañez. — Alde egin ezazu, txoroa! Zer nahi duzu, tiroz jostea ala? — Utz nazazu Yañez —esan zion Sandokanek urduri eta bizi—. Eraso dezagun basetxea. Hiruzpalau soldadu atera ziren leihotik fusilak eskuetan zituztela. — Ero-eroa —esan zion Yañezek arrastatzen zuen bitartean—. Burugogorra. Salta dezagun hesia. Txoratu zara buruhandi hori! Berehala basetxeko ateak ireki eta hamar soldadu armatu atera ziren beste hainbeste herrikoekin batera. Lastargi eta guzti zetozen gauez ikusteko. Portugesak tiro pare bat bota zuen sasi tartetan. Eta soldaduen buru egiten zuen sarjentoa lurrera erori zen. — Bizkor, anaiatxo, bizkor —esaten zion Yañezek, besteek sarjento zauritua zaintzen zuten bitartean. — Ezin dut bakarrik utzi, ezin dut. Bere burua zeharo galduta zeukan. — Ihes egiteko esan dizut. Zatoz edo arrastaka eramango zaitut! Handik hogeita hamarren bat metrotara bi soldadu azaldu ziren. Eta haien atzetik beste pila bat. Orduan bai, ez zegoen duda egiterik. Tiro pare bana bota zituzten sastraka tartean. Lasterka bizian, basakatuak baino arinago hesia saltatu zuten. — Aurrera, anaiatxo, aurrera —esaten zion Yañezek lagunari. Eta korrika zihoan bitartean karabina kargatzen zuen. Bihar etorriko gara berriro hauengana bizkarretik botatzen dizkiguten tiroen eskerrak ematera. Orain goazen. — Yañez —esaten dio Sandokan lagunak—. Itsutu egin naiz. Eta orain beldur naiz dena hondatu ez ote dudan. — Zergatik, ordea? — Orain badakite agian ni naizela, eta erne egongo dira, ustekabean harrapa ez ditzadan. — Eta zer? Gure itsasontziak, gure prao famatuak etorri baldin badira, ehun tigre izango gara. Nor da gauza guri kontra egiteko? — Lord bedeinkatu horrek beldurra ematen dit. — Zer egin dezake bada? — Nere eskuetan utzi baino lehen, kapaz da hori iloba akabatzeko. Arnas hartzeko gelditzera zihoazen. Baina gau ilunean, linterna txikien antzeko argiak begiztatu zituzten. — Ingelesak dira, ingelesak dira —esan zuen—. Gure aztarrenak erreparatu dituzte eta gure atzetik datoz. Korri dezagun Sandokan. Baina, zaila baitzen handik aurrera bizkor joatea. Zuhaitz asko eta asko zegoen han. Batzuk lodiak, besteak korapilotsuak, adarrak nonahi, bere pisuaren mendean lurreraino makurtzen ziren. Zenbait lurrean eroriak. Baina orientazio bikaineko mutilak ziren eta bazekiten laster basoko hesira iritsiko zirela. Eta basoko zuhaitz tarteak igaro eta berehala lur zabal eta landuen artean aurkitu ziren. Korrika biziari utzi gabe, kiosko txino baten ondotik pasa ziren. Lur landuen hildoari jarraituz, hesiraino iritsi ziren. Soldaduek haien aztarrenak galduak zituzten. — Poliki, Sandokan —esaten dio Yañezek—. Poliki hesi haundi hau pasatzerakoan. Ze lehen bota ditugun tiroak entzun eta agian kanpoko soldaduak ere inguruan egon daitezke eta. — Parkean sartu ote dira bada? — Isilik! Makurtu eta entzun! Sandokanek belarria luzatu zuen. Baina ez zuen hostoen soinu isila besterik entzun. — Norbait ikusi al duzu? —galdegin zion. — Kanpoko aldetik adar baten kraskatekoa entzun dut. — Piztiaren bat izan zitekeen. — Bai, noski, baita soldaduak ere. Gehiago ere esango nizuke. Ixil-mixilean hitz egiten ere entzun dudala iruditu zait. Apustua ere egingo nuke hemen inguruan txamarra gorriek tranparen bat jarri digutela. — Bai, Yañez, bai. Baina, hala balitz ere, ez gara hemen geldituko, ez da? — Zer egin nahi duzu? — Bidea libre dagoen ala ez jakin nahi nuke. Sandokan zuhur ibiltzen hasi zen. Begiratu zuen parkeko zuhaizpetik. Gero, katu baten arintasun eta isiltasunarekin, igo zen itxituraraino eta begirada bat bota zuen. Hesi gainera iristerako, ahopetik hitz egiten entzun zuen. Arrazoia zuen Yañezek. Begiratu zuen aurrera, eta han, ilunpean, zuhaitz lodi baten oinetan jende multzo bat begiztatu zuen. Iluntasuna handia izan arren, berak nabaritu egin zituen. Jaitsi eta Yañez zegoen lekuraino joan zen. — Arrazoia duzu —esan zion—. Beste alderditik jende multzo bat dago zelatan. — Asko al dira? — Dozenaerdi bat edo. — Mila deabruak! — Zer egingo dugu, Yañez? — Aldegin hemendik eta beste bideren bat hartu ihes egiteko. — Berandu samar izango da dagoeneko. Hala uste dut. Mariana gaixoa! Agian hilda edo preso gaudela usteko du. — Goazen! — Isilik, Sandokan. Beste aldetik ere hizketan ari dira. Egia, hesiaren beste aldetik bi ahots lodi entzuten ziren. Haizea alde zegoenez, ulertu zitekeen esaten zutena ere: — Zera diotsut —esaten zuen ahots lodi batek—. Piratak kinta barrura sartu direla sorpresazko kolpe bat emateko. — Ez dut uste, Bell sarjentua—erantzun zion besteak. — Zoro-zoroa. Orduan zer? Gure adiskideak brometan aritu ote dira bada tiroka? — Bada, sartu badira, ez dute gure atzaparretatik ihesirik egingo! — Hala uste dut. Hogeita hamasei gara, eta nahiko gara finka guztia behar bezala zaintzeko eta zelatatzeko. — Ea, mugitu, eta erne ibili. Gutxiena uste duzuenean, Malasiako Tigrea mutur aurrean azal daiteke eta. Hitz hauek esan ondoren, adar soinua entzun zen. Gero isiltasuna. Soldaduek oinatz guztiak, piraten arrastoak galdu zituzten. Noraezean zebiltzan, zorte onez bilatzen ote zituzten edota bestela eguna argitu zain. — Oraingoz, behintzat, ez dugu zergatik horien beldur izan behar —esan zuen Sandokanek. — Beste nonbaitetik ihes egingo al dugu? —galdegin zuen Yañezek—. Parke hau oso handia da eta agian, txokoren bat zaindu gabe egon daiteke. — Ez, adiskide, ez. Ikusten bagaituzte, atzetik etorriko zaizkigu berrogei gutxienez. Haien atzaparretatik nola aldegin? Parke barruan ezkutatzea komeni zaigu. — Non, ordea? — Etorri nirekin, Yañez. Lehen, erokeriak ez egiteko esan didazu. Orain ikusiko duzu zein zuhurra naizen. Nire neskatoa hilko litzateke ni ere hilko banindute. Beraz, kontuz ibil gaitezen. — Eta soldaduak, zer? Ez al gaituzte harrapatuko? — Ez dut uste. Gainera ez gara hemen luzaroan egongo. Bihar gauean, nolanahi ere, alde egingo dugu. Etorri, Yañez. Leku seguru batetara eramango zaitut. Bi itsaslapurrak urrutiratu egin ziren. Parkean aurrera jo zuten biek. Sandokan aurretik, Yañez atzetik. Lord jaunaren etxetik bostehunen bat metrotara, etxe koskor bat zegoen. Loreen negutegia bat zen. Atea ireki eta barrura sartu ziren. — Piztu ezazu kandela mutur bat. — Ez al gaituzte kanpotik ikusiko? — Ez dago arriskurik. Etxetxo hura lorontziz, usain gozoko lorez eta aulki ugariz beteta zegoen. Bazterrean, izugarrizko berogailu handi bat zegoen. Kabitu zitezkeen barruan bost pertsona ere. — Hemen ezkutatuko al gara?—galdetu zion Sandokani—. Ez zait lekua zeharo segurua iruditzen. Soldaduak etorriko dira. Ez ahaztu Lord jaunak mila libra agindu dituela zure burua harrapatzeagatik. — Agian etorriko dira soldaduak, bai. — Eta harrapatuko gaituzte. — Poliki, Yañez, poliki. — Zer esan nahi duzu? — Ez zaiela estufa barruan begiratzea bururatuko. Yañez barrez, leher zorian jarri zen. — Ondoko estufa horretan? — Bai, ondoko estufa horretan. Barruan ezkutatuko gara. — Baina, anaia txikia, hor barruan sartzen bagara, Afrikako beltzak baino beltzago aterako gara. — Eta, zer. Gero garbituko gara. — Baina, Sandokan...! — Ez baduzu sartu nahi, hor konpon ingeles hauekin. Bi bide daude: estufa barruan ezkutatu ala madarikatu horien atzaparretan erori. — Beste biderik ez badago —erantzun zuen Yañezek algaraka—. Ikus dezagun bada gure etxe berri hori. Beraz, ireki zuen estufaren burdinezko ate handia. Eta besterik gabe, usin eginaz barrura sartu zen. Bere atzetik Sandokan. Barruan ikatza eta hautsa gogotik zegoen. Hala eta guztiz ere, ederki kabitzen ziren han barruan. Portugaldarra oso umore oneko gizona zen. Han barruan zegoela, oraindik ere algara biziagoa egin zuen. Eta hala esan zuen: — Nork pentsatu behar du Malasiako Tigre beldurgarriak hemen ezkutatua egon behar duenik. Mila deabruak etor daitezela. Ziur nago ez gaituztela aurkituko. — Isilago hitz egin ezak, motel -esan zion Sandokanek—. Entzun gaitzakete. — Bai zera... gizona, oraindik urruti daudela uste dut. — Ez hain urruti, zera. Hona sartu aurretik eta berrehunen bat metrotara bi soldadu aztarrika ari zirela ikusi ditut. — Hona ere etorriko ote dira bada? — Seguru baietz. — Deabruak. Eta estufa ikustea bururatzen bazaie? — Bueno, harrapatzen ez gara utziko behintzat. Armak baditugu eta eraso bati erantzuteko gauza gara. — Eta, jan, zer? Ez gara hasiko noski, ikatza jaten, ez da? Gainera, estufa honen hormak ez dirudite hain gogorrak. Bultzada sendo batez bota daitezke. — Pareta hauek bota aurretik borrokan hasiko ginateke. — Baina beharrezkoak ditugu janariak. — Aurkituko ditugu —Yañez—. Egon lasai. Inguru honetan, platanoak eta kokoak ugari dira. Biltzera joango al gara? — Noiz? — Isilik. Hitz hotsa entzuten dut eta. — Beldurra sartu didazu, gizona. — Prestu eduki karabina. Entzun! Kanpo aldetik hitz hotsa entzun zitekeen. Bazirudien zenbait pertsona inguratzen ari zirela. Hostoen eta lurreko harri txantxarren soinua entzuten zen. Geldi-geldi egoteko agindu zion Sandokanek lagunari. Eta estufako burdinazko atea ireki zuen kanpora begiratzeko. Alderdi hura iluna zegoen. Baina kristalen tartetik zenbait lastargien argia ikus zitekeen. Bospasei soldadu ziren aurretik bi beltz zituztelarik. — Sartuko ote zaizkigu barrura? —galdetu zuen urduri. Berriro ere itxi zuen burdinazko atea, kontuz eta zaratarik atera gabe. Une berean lorategiko atea irekitzen hasi zen. — Badatoz, badatoz! —esan zion lagunari. Egon prest alu hauen kontra saltatu behar badugu ere. Prestatu al duk karabina? — Gatiluan daukat behatza. — Ondo dago. Eskuratu ezpata ere. Soldadu taldea sartu zen barrura. Negutegi guztia argitu zen haien lastargiekin. Soldaduak bazterrak miatzen hasi ziren, aulki azpitan, lorontzien atzean eta barruko bazter eta zoko guztietan. Sandokan berak ere, hain ausarta izanik, halako beldurtxoa nabaritu zuen gorputz guztian. Hainbeste begiratzen ari zirenez gero, estufaz ere konturatu eta begiratuko zuten. Beraz, nahitaezkoa zen haien bisita. Yañezengana inguratu zen Sandokan. Hau hauts artean ezkutatuta zegoen. — Ez mugitu —esan zion Sandokanek—. Agian hementxe aurkituko gaituzte. — Isilik! —esan zion Yañezek—. Eta entzun. Ahots batek zera zion: — Hegan egin ote du bada pirata madarikatu horrek? — Edota lurrazpian ezkutatu ote da bada? —beste batek. Eta hirugarrengoak: — Gizon hori edozertarako gauza da. Hori ez da gu bezalako gizona, deabruaren kide baizik. — Niri ere gauza berbera iruditzen zait —esan zuen lehenengo ahotsak beldurrez—. Behin ikusi nuen eta aski dut. Ez da gizona, tigre bat da. Berrogeita hamar soldaduen kontra bota zen ausarki eta inork ez zuen ukitu ere egin. — Beldurra ematen didazu, Bon! —besteak. — Eta nori ez dio beldurra ematen? — Hemen ez dago, goazen hemendik. — Poliki, Bob! Horra estufa handi hori. Hor barruan kabituko lirateke bost gizon ere. Hartu karabinak eskuetan eta begira dezagun! — Iseka egin nahi al diguzu, adiskide? —esan zuen soldadu batek— Nor sartuko da hor barruan? Hor ez dira ipotxak ere kabitzen eta. — Bueno, ikus dezagun, zer arraio! Sandokan eta Yañez biek atzera jo zuten, ahal zuten ondoen ezkutatzeko. Une bat geroago estufaren atea ireki zen. Eta kanpoko argitxoa sartu zen barrura. Baina ez zen oso ondo ikusten. Soldadu batek burua sartu zuen eta usin eginaz berehala atera zuen. Hautsak eta ikatzak aurpegi guztia beltz-beltza jarri zioten. — Deabruak eraman dezala estufa hau begiratzeko burutapena izan duena —esan zuen. — Tontakeria bat da! --erantsi zuen beste batek—.Hemen behintzat ez dugu harrapatuko. Itxi zuten azkar burdinazko atea eta negutegi hartatik atera ziren. Une batzuetan han egon ziren hizketan. Gero joan ziren, eta ez zen haien arrastorik geratu. Portugaldarra lasaitu zen ederki asko. — Mila deabruak batera —esan zuen—. Eskapada ederra egin dugu. Aluak. Burua sartu eta ikusi ez. Hobea izan da hori. Lepaluzeagoa izan balitz, edota taxuz begiratu balu, erraz aurkituko gintuen. Itsas-zabaleko Ama birjinari kandelaren bat piztu beharko diogu. — Bai, bai, une larria izan da —erantzun zion Sandokanek—. Buru handi hura nire sudur ondoan ikusi dudanean, ez dakit nola izan dudan geldirik egoteko ausardia. — Bueno, oraingoz behintzat, libre gara. Bila dezagun jaki piska bat. — Irten gaitezen, bai, Yañez. Estufatik irtetzeko gogo bizia zuen portugaldarrak. Ireki zuen burdinazko atea, eta salto emanaz lorontzi baten gainean jarri zen. Ez baitzen ikatz zantzurik uzterik komeni. Sandokanek ere gauza bera egin zuen. Eta lorontziz lorontzi salto eginaz, ate ondoraino iritsi ziren. — Ikusten al duzu inor? —galdetu zuen. — Kanpotik dena ilun dago. — Goazen, orduan, platano batzuk harrapatzera. Kanpora atera ziren eta inguruan zeuden platano eta ponbo pila jaso zituzten. Atzera itzultzera zetozen. Baina bat-batean, zera esaten dio Sandokanek lagunari: — Itxaron hemen piska bat, Yañez. Soldaduak non dauden ikustera noa. — Txorakeriarik ez ezazu egin —erantzun zion honek—. Utz itzazu lasai. Zer inporta zaigu hori? — Ideia bat daukat buruan. — Joan zaitez infernura zure ideiekin. Gaur gauean ez dago ideiarik. — Nork daki —erantzun zion Sandokanek—. Bihar arte egon gabe ere ihes egin dezakegu. Gainera, nire ausentzia oso laburra izango da. Hartu zuen karabina eta ezpata, eta zuhaitz tartean abiatu zen. Azkeneko platanoen inguruan zegoenean, urrutian lastargiak begiztatu zituen. — Badoaz, dirudienez —esan zuen bere golkorako—. Ikus dezagun zer gertatzen den Lord James jaunaren basetxean. Inguratu eta zuhaitz batzuen ondoan gelditu zen. Bihotzak taupada bizian ekin zion Marianaren leihoan argia ikusi zuenean. — Ai! Nirekin eraman ahal baneza! —zioen bere golkorako. Hiruzpalau pauso eman zituen, makurtuta. Ez bait zen inguruan egon zitezkeen soldaduekin fidatzen. Leihoko argi tartean itzal bat pasa zen. Mariana zen. Beraz, erabaki eta bazihoan basetxe aldera, ate ondoan, sarreran bertan, gizaseme zelatari bat ikusi zuenean. — Ikusi ote nau? —galdetu zion bere buruari. Dudan egon zen une batetan. Berriro ere Marianaren itzala ikusi zuen. Beraz aurrera abiatzeko prestatu zen. Hamar pauso eman zituenean, zelatariak karabina eskuetan hartu eta oihukatu zuen: — Nor da? Nor bizi da? Sandokan tinko geratu zen. PRESTU NAGO Gauzak oker jarri ziren. Hain oker ere. Arrisku bizitan, Sandokanek ere ulertu zuen hori. Eta han geratu zen tinko, geldi, landareen atzean. Zelatariak, ordea, berriro ere oihu bizia bota zuen: —Nor da? Nor da?— Erantzunik ez. Orduan pauso batzuk eraman zituen aurrera. Ia nor ote zen bada sastraka atzean zegoena. Hala dena irudimena ote zen bada? Inguratu eta ez zuen ezer ikusi. Engainatu zelakoan, atzera jo zuen eta ostera ate ondora inguratu. Baina ez zegoen zeharo lasai, eta erne gelditu zen han, nondik edo handik beste zarataren bat entzungo. Sandokan, berriz, urduri. Bere ekintza aurrera eramateko prest. Baina, astakeria bat zen hura. Eta atzera jotzea hobea izango zela pentsatu zuen. Hala bada, poliki-poliki, sastrakatik sastrakara, zuhaitz atzetik zuhaitz atzera, gordeka alde egin zuen. Beti ere zelatariari begira. Han bait zegoen hura fusila eskuan, disparatzeko erne. Berehala iritsi zen negutegira, lagunaren ondora. — Zer ikusi duzu? —galdetu zion Yañezek—. Beldur nintzen zuregatik! — Gauza onik ez —erantzun zion Sandokanek—. Basetxea zelatariz beteta dago. Jende asko finka zaintzen. Zail izango da gau honetan hemendik irtetzea. — Orduan, loalditxo bat egitea izango da onena. Ez dut uste berriro honantz etorriko direnik. — Nork daki hori? — Zer nahi duzu? Urduri jartzea ala? — Ez dakit, baina beste soldatu talderen bat pasako balitz, zer? — Goazen lo egitera. Baina bi begiak irekita. Jar gaitezen lorontzi horien atzean. Eta hala, Txinako lore batzuen atzean etzan ziren. Baina ezin baitzuten lorik egin. Agian soldaduak berriro ere etortzen baziren, zer? Noizbehinka jaiki eta kanpora ateratzen ziren. Egunak argitu zuenean, ingelesak finka guztia aztarrikatzen berriro hasi ziren. Baina gauez baino gogotsuago. Zuhaitzen atzean, laranja ondoen atzean. Ziur zeuden, azkenean aurkituko zituztela. Ausarti aleenak. Nola bururatu ote zitzaien haiei hesia pasata finka barrura sartzea? Atera ziren bada kanpora, eta ikusi ere bai gudariak urruti samar. Gosea asetzeko fruta jango zuten. Eta nolako fruta. Malayo tartean bua kadandra izenarekin ezagutzen direnak. Handiak eta urtsuak. Gero, atzera, estufan sartu ziren, baina aurretik ke eta ikatz kondarrak kenduaz. Estufa lehen ikusi arren, berriro etorri zitezkeen aztertzera. Gosaldu zuten eta barruan geratu ziren, gaua noiz iritsiko zain. Ihes egin behar eta ez zekiten noiz. Orduak pasa ziren. Bat batean Yañezek hanka hotsak entzun zituen. Ataritik zetozen. Altxa ziren eta hartu zuten eskuan ezpata. Beno, berak kriss deitzen dioten ezpata. — Berriro ote datoz? —galdetu zuen portugaldarrak. — Nahastu egingo zinen gizona —erantzun zion Sandokanek. — Ez, ez. Norbait pasa da bidexka horretatik. — Bat besterik ez balitz, neroni atera eta preso hartuko nuke. — Erotuta al zaude, Sandokan? — Bat harrapatuko bagenu, besteak non dauden esango liguke eta zertan ari diren. — Bai ote? Engainatu egingo gintuzke txinoak bezala. — Ez dut gezurretan hasiko litzatekeenik uste. Botako al dugu begiradatxo bat? — Ez zaitez gehiegi fida, Sandokan. — Baina, zerbait egin beharra dago, bada. — Zure beharrik baldin badut, deituko zaitut. — Ezer entzun al duzu? — Ez, nik ez. — Orduan, zoaz Yañez. Ni hemen egongo naiz zain, kanpora irtetzeko. Zer entzungo zain geratu zen Yañez. Oraindik ere ikus zitezkeen zenbait soldadu, bazterrak miatzen, baina arreta handirik gabe. Itxaropena galdu balute bezala. Beste guztiak, agian, kanpora joango ziren. — Itxaron dezagun —esan zuen Yañezek—. Egun guztian gure arrastorik aurkitzen ez badute, aldegin dugula pentsatuko dute. Etsiko dute. Orduan, gauez ihes egingo dugu eta basoan barna sartuko gara. Horretan ari zirela, soldatu bat zetorrela ikusi zuten. Basetxetik barna eta negutokiko bidetik aurrera. — Ikusi ote nau? —galdetu zion antsiaz bere buruari. Platanoen atzean gorde zen. Haren orri zabalek babes bikaina egiten baitzioten. Eta poliki-poliki Sandokan zegoen lekuraino iritsi zen. Honek halako ikara aurpegiarekin ikusi zuenean, zera galdetu zion: — Zer gertatzen da, gizona? Norbait duzu atzetik ala? — Ikusi egin gaituztela uste dut. Honantz bai dator gudari bat. — Orduan ez da bera harrapatzea zaila izango —erantzun zion Sandokanek. — Ezkuta gaitezen platano horien atzean. Inguratzen den bezain laster lotu eta ahoan zapi bat jarriko diogu. Bila ezazu zapiren bat. — Hemen dago —esan zuen Yañezek—. Baina, arren eta arren, ez egin gero burugabekeriarik. — Lasai gizona. Mutil horrenak berehala egingo ditugu. — Eta oihuren bat egiten badu, zer? — Ez du astirik izango. Hemen dago! Zuhaitz ondoan zegoen soldadu gaztea. Orduan biak batera, Yañez eta Sandokan, gainean erori zitzaizkion. Azkar eta arin. Baina mutilak oihu latz bat botatzeko haina denbora izan zuen. — Azkar Yañez —esan zion Sandokanek. Portugaldarrak gatibua hartu bere gain eta estufa barrura sartu zuen. Atzetik zetorkion Sandokan. Urduri, ordea. Ez zuen karabina jasotzeko astirik ere izan. — Arriskutan gaude, Yañez! —esan zuen Sandokanek. — Ikusi ote gaituzte gizon hau lotzen? —Yañezek zurbil. — Oihua behintzat entzungo zuten. — Galdu gara orduan! — Oraindik ez. Baina lurrean gelditu den karabina hori ikusten badute, segituan etorriko dira lagunaren bila. — Anaiatxo hori. Ihes egin dezagun hemendik hesi aldera. — Fusilatuko gaituzte txakurrak bezala. Egon gaitezen hemen geldi-geldi, zer gertatzen den ikusi arte. Armatuta daude eta ez digute barkatuko. — Badatoz, badatoz! — Lasai, Yañez, lasai! Baina, arrazoia zuen portugaldarrak. Inguratu berriak ziren zenbait soldadu. Laguna galdu zuten eta ez zekiten ez non ez nola — Bai —esan zuen batek—. Hemen utzi du bere karabina. Beraz norbaitek harrapatu du. — Ez dakit bada zer esan —bigarren batek—. Harrituko nintzateke piratak oraindik hemen daudela jakitearekin. Eta are gehiago horrelako ausardia izatearekin. Ez ote da ari gure Barry laguna brometan? Nork bilatuko ote duen jolasean? — Txorakeriarik ez esan. Ez dira hauek txantxetarako uneak. — Nik ez dut bada uste ezer gertatu zaionik. — Bada, nik baietz esango nuke —esan zuen beste batek—. Dudarik gabe pirata horiek izan dira. Eta oraindik hemen daude nonbait. Nork ikusi ditu hesia pasatzen? — Infernuko deabruak dira horiek. Nik ez dakit non ezkutatzen diren. — Barry...! Barry...! —oihu egin zuen ahots batek—. Non zaude? Txantxetan ari zara ala? Inork ez zuen erantzun. Pozik erantzungo zuen. Baina mutur lotua zegoen eta Sandokan eta Yañez ondoan. Orduan kanpoko batek zera esan zuen: — Ia, zer egiten dugun? — Bila dezagun! —beste batek. — Sar gaitezen bada negutegian. Hori entzun zutenean, larritu ziren bi piratak. — Zer egin behar dugu? —galdetu zuen Yañezek. — Zer egin behar dugun...? Txaketa gorri horiei kristoren sorpresa prestatu behar diet. Ikusiko duzu. Sandokanek gatibuari zera esan zion: — Eta zu kontuz ibili. Ez egin txorakeriarik. Bestela labainarekin eztarria ebakiko dizut. Gainera, punta pozoitua dauka. Kontuz bada... Hori esan eta gero, berogailuaren hormak kolpatu zituen. — A zer sorpresa polita —esan zuen—. Itxaron dezagun etorri arte. Bitartean, soldaduak barrura sartu eta aztarrika zebiltzan. Lorontzi eta lore tartean, arrastoren bat non aurkituko. Ez baitzuten ezertxo ere aurkitu. Gero estufa han zegoela konturatu ziren. — Mila deabru batera —esan zuen eskoziar ahoskera zuen batek—. Agian berogailu horretan ote daude? Kabitu daitezke hor barruan zenbait pertsona eta. Agian hil eta hor gorde dute gure laguna. — Ikus dezagun! —bigarren batek. — Poliki ibili, poliki ibili! —oihukatu zuen hirugarrenak—. Hor barruan bat baino gehiago ere kabitzen da eta. Sandokan prest zegoen, bere bizkar zabalak berogailuaren hormatan tinkatuaz. — Yañez —esan zion—. Prest al zaude? — Bai, prest nago. Berehala berogailuaren ate karranka entzun zen. Irekitzen ari ziren. Une berean haren horma guztiak, paperezkoak balira bezala apurtuta erori ziren. — Tigrea, Tigrea —zioten soldaduek oihu bizian. Eta hankaz gora erori ziren eskuin- ezker zaku zaharrak bezala. Han atera zen Sandokan benetako tigrea, fusila eskuan eta ezpata hortzetan. Bota zion tiroa aurrean zegoenari. Bi muturrekoz zapaldu zituen beste bi. Eta Yañez atzetik zuela ihes egin z ERNE, YAÑEZ Soldadu gizajo haiek sentitu zuten beldurra eta izua ez zen nola nahikoa izan. Ez zuten arma zutenik ere pentsatu. Susto hartatik suspertu zireneko berandu zen. Bi itsaslapurrak, korrika bizian ihes egin zuten. Finka barruan tronpeta soinua entzuten zen. Alarma jotzen ari ziren. Baina gure bi gizonak basoan barna galdu ziren, zuhaitz tartean. Gelditu ziren une batetan, arnasa hartzeko. Denek ulertu zuten arriskuaren berri. Tigrea barruan zebilen, dudarik gabe. Eta ikusi zuen norbaitek. Denek finkako hesi aldera jo zuten bizkor. — Berandu zabiltzate, adiskideak, berandu! —esaten zuen Yañezek jarraitzaileei begira—. Zuek baino lehenago iritsiko gara! Izorra zaitezte, — Bizkor, goazen bizkor! —esaten zion Sandokanek—. Ez diezagutela bidea moztu. Instantean iritsi ziren hesira. Erbiak baino arinago saltatu eta korrika bizian aurrera jarraitu zuten. — Ikusten al duzu hor norbait? —galdetu zion Sandokanek. — Ez da txingurri batik ere ikusten! — Sar gaitezen bada basoan barna! Han ez gaituzte hain erraz jarraituko. Gure aztarrenak galduko dituzte. Ondoan zegoen basoa. Bi pausotara. Han ezkutatu ziren bi piratak. Pixkana-pixkana, ordea, basoa gero eta zailagoa zen. Alde guztietatik zuhaitza besterik ez baitzegoen. Zuhaitz lodiak, ikaragarriak, beren adarrak bata bestearekin gurutzatzen zirelarik. Zainak berak ere berebizikoak zituzten. Han ezin zen ibili. Enborrak korapilo lodiz beteak zituzten. Bi itsaslapurrek ezin zuten korrika segi. Zuhaitz eta adar; alferrik zen. — Nondik goaz, Sandokan? —galdegin zion Yañezek—. Ez dakit nondik pasa ere. — — Lasai, mutiko, lasai, tximu lanetan hasi gara —erantzun zion Sandokanek. — Horretan ohituak gaude, bai. — Eta orain, gainera, ez dugu beste erremediorik. — Ez al gara galduko? — Gu Malasiako semeak ez gara behin ere basoan galtzen. Ez dugu iparorratzik beharrik. Odolean dakargun joera aski dugu. — Sartu ote dira basoan, ingeles alu horiek? — Ez dakit, Yañez, zaila egingo zaie. Gu ohituak egonik ere, horrela baldin bagabiltza, nola ibil daitezke haiek ohiturarik gabe? Dena dela urrutira gaitezen. Lord jaun horrek izugarrizko txakurrak omen ditu. Haiek, bai, ingura daitezke gu gauden lekuraino. — Hemen ditugu gure labainak, bada ezpada ere. — Gizonak baino gaiztoagoak dira animalia horiek. Aurrera Yañez. Jarraitu zuten aurrera sastraka tartean, zuhaitz eta zikin tartean, tximuak berak baino arinago. Igo bezala jaisten ziren, noiz adarretan, noiz zainetan, landaretza ito eta lodi haren gainetik, azpitik, nonahitik. Bostehunen bat metro egin zituzten horrela. Alditan, alditan, bazirudien adar gainetatik amildu behar zutela. Baina ez zen halakorik gertatu. — Ba al dakizu zer pentsatzen dudan?—esan zion portugaldarrak— Zera pentsatzen dut: zorte latza izan dugula larrua salbatu dugunean. Zortziren bat gudarien tartetik ihes egitea, mirari bat iruditzen zait oraindik ere. — Bai, bai, niri ere hala iruditzen zait —erantzun zion Sandokanek irribarrez. — Ba ote daki zure neskak ihes egin duzula? — Uste dut baietz. — Baina beldur naiz, Lord jauna larritu eta ez ote den Victoria aldera joango, leku seguruago baten bila. — Hala uste al duzu? —galdetu zion Sandokanek aurpegia ilun-ilun jarririk. — Ez dut uste gu hain inguruan egonda, seguru sentituko denik. — Egia da Yañez, egia da hori! Bila ditzagun gure mutilak. — Ailegatu ote dira? — Errekastoaren ahoan bilatuko ditugula iruditzen zait. Zoritxarren bat izan ez badute behintzat! .. — Ez izan hain ezkorra, motel. Laster jakingo dugu. — Eta gero, zer egingo dugu? Kinta hau eraso ala? — Ikusiko dugu orduan. Sandokan, nahi al duzu aholku on bat ematea? — Zer aholku, Yañez? — Kinta delako hori erasotzea baino hobe izango dugu Lord atera zain egotea. Laster irtengo dela iruditzen baitzait. — Eta zer egingo dugu? Bere eskolta eraso ? — Noski, baietz. Baso tartean. Basetxe hori apurtzea, oso arriskutsua izan daitekeela iruditzen zait. — Ez da aholku txarra, ez. Orain ordea, lagunak etorri ziren ala ez jakin beharra zegoen. Beldur zen Yañez. Halako ekaitz gogorra izan baitzen egun haietakoa. Egarri zirenez gero, bua-mamplam izeneko fruituak jan zituzten ase arte. Gero, adarrei itsatsiaz, behera jaitsi ziren tximuak bezala. Baina ez baitzen hain erraz basotik irtetzea. Bazirudien noizbehinka zuhaitzak bide, bidexkaren bati tokia uzten ziotela. Berehala, ordea dena trinkotzen zen. Ez zen hain erraz handik kanporatzea. Sandokan bera ere galdua zebilen. Ez zekien ze alderditara jo, errekastora iristeko. — Larritasun batean aurkitzen gara, Yañez —esan zion Sandokanek—. Ez dakit nondik jo behar dugun. Galduak gaude. Dena dela, begiratu horra. Horko belar luze horiek. Badirudi, garai batetan bide izan zela. Agian hortik jotzen badugu... — Zer izan da hori? Zaunka bat? — Bai, bada, zaunka bat izan da —erantzun zion besteak. — Beraz, Lord jaunaren zakurrak gure aztarrena aurkitu dute. Zerri aleenak. — Harrapatu gaituzte ia-ia! Entzun berriro! Urrutian, berriro ere, zakur zaunka entzun ahal izan zen. Zakurren bat zetorren baso itsu eta bete hartatik barna. Haiengana, dudarik gabe. — Zakurra bakarrik ote dator, ala berarekin batera norbait ere bai? —galdetu zuen Yañezek. — Agian beste zakurren bat ere etorri da. Soldaduek ez lukete hemen asmatuko. — Igo gaitezen pombo zuhaitz horren gainera. Han seguruago egongo gara. Igo ziren zuhaitzera, finkatu ziren behar bezala eta etsaia etorri zain gelditu ziren. Aberea azkar zetorren. Adar eta hostoen tartetik, bidean karraska-karraska eginaz. Noizbehinka zaunka beldurgarri bat botatzen zuen. Zirudienez, bi gizonen oinatzak bilatu eta atzetik zetorren. Bere atzetik, agian, bertako batzuk ere etor zitezkeen. Baina ez zen gauza segurua. --Ikusi, ikusi! -esan zuen Yañezek. Zakur handi eta beltz bat zen. Izugarrizko matrail hezurra zuen, eta hortzak handi eta zorrotzak. Esklabu iheslariak harrapatzeko erabiltzen zituzten horietako zakurra. Ikusi zituen bi piratak. Une batean geldi-geldi begiratu zien, begi gorri eta odolduekin. Txingarrak ziruditen. Abiatu zen ostera, zain gainetatik saltoak emanaz, leoinabarra gaizto bat balitz bezala eta ikaragarrizko orroa botaz. Belauniko jarri zen Sandokan, eta gerrian zeraman ezpata, kriss delakoa, zuzen-zuzen jarri zuen horizontalki. Yanezek, berriz, heldu zion bi eskuekin eskopetari kainoietatik borra bat balitz bezala astintzeko Beste jauzi bat eman zuen animaliak eta Sandokanen gainera erori zen basatiro. Eztarria harrapatu nahi zion. Animalia hura basatia baldin bazen, Malasiako Tigrea ez zen gutxiago. Eta hantxe sartu zion kriss izeneko ezpata, eztarritik barna, ipurtzuloraino. Une berean, Yañezek kristoren kolpea eman zion buruhezurrean. Zakur gajoa hankaz gora gelditu zen. Une berean ordea, beste orro berezi bat entzun ahal izan zuten. Zezen basati bat edo honelako zerbait zirudien. — Erne, Yañez! —esan zion Sandokanek—. Oraindik ez dira arriskuak bukatu. Mias izeneko animalia baten orroa da hori. —Mias deitu diozu? Ederki. Bada, ez da arrisku bakarra. — Zer diozu? — Begira ezazu hara errekatxo hartara. Adar haren ondora. Begiratu zuen Sandokanek. — Arraio zaharra! —oihu egin zuen beldurrik gabe. Alde batetik mias bat azaldu zaigu bestetik harimanbiutang bat. Biak zein baino zein basatiagoak. Ikus dezagun bada, zer gertatzen den. Gauza ote diren gure bidea mozteko. Ikus dezagun! Prestatu adiskide fusilak. BORROKA HILGARRIA Hara bada gure aurrean bi etsai, zein baino zein gaiztoagoak eta indartsuagoak. Baina ez zuten gizonen aurka jokatzeko asmorik zutenik. Bata besteari begira zegoen. Erasotzeko prest. Sandokanek harimanbiutang deitu zion animalia pantera eder-eder bat zen. Bestea berriz, orangutan ikaragarri bat. Orain ere badaude halako animaliak Borneo aldean. Bazirudien pantera horrek ikaragarrizko zuela. Beraz, orangutan hori, ikusi zuenean, adar lodi baten gainera igo zen, erasoa zuzen eta zehatz botatzeko. Tximuaren gorputza ikaragarria zen. Beso, hanka eta abar, zain korapilotsu eta indartsuak nabari zitezkeen. Zuhaitz gainetan egon ohi dira, adar eta hostoekin egindako kabi antzekoetan. Ez zaie gizona atsegin. Ezta beste animaliak ere. Nahiago dute bakarrik egon. Baina, erne, ze zirikatuaz gero, haserre bizian jartzen baitira eta beldurgarri bihurtzen dira. Tximu hura, errekaren beste aldetik zegoen. Eta hasieran lasai zegoela zirudien. Fruta jasotzeko asmotan edo zebilen. Harritu egin zen, bere etsaia, pantera hori, begiz jo zuenean. Hasieran ez zion halako garrantzirik eman. Gero ordea, heste barruetatik marru latza bota zuen. Haserre daudenean botatzen dituztena bezalakoa. — Borroka ikaragarri bat ikustera goaz, esan zuen Yañezek mugimendu txikienik ere egin gabe. — Ez dirudi, oraingoz gure kontra etorriko direnik —erantzun zuen Sandokanek—. Oraingoz libre gara. — Begira, begira! Pantera urduri jartzen ari da. — Tximuak ere ez dirudi lasai dagoenik. Hautsiko dizkio besteari saihets hezurrak. — Prestatu fusila, Sandokan, badaezpada ere. — Lasai, lasai, prest nago noiznahi disparatzeko eta. Une berean marru ikaragarri batek urratu isiltasun hura. Tximua gero eta haserreago jartzen ari zen, pantera, berriz, adar gainean zain eta zain. Ez baizen erasotzera ausartzen. Tximuak bere bularrari danbateko handi bat eman zion. Danbor batek baino zarata handiagoa atera zuen. Ikaragarriak ziren haren hortzak. Aurpegia erre bizian, ikara bizia sortzeko adinakoa. Inguratu zitzaion panterari. Hau bere lau hanketan bil-bil, saltoa emateko zain. Baina presarik gabe. Tximua uretan sartu zen. Gero luzatu zuen besoa eta heldu zion pantera jarrita zegoen adarrari. Astindu zuen gogor. Adarra bera ia kraskatu zuen. Panteraren atzaparrak adarrean tinkatuak zeuden. Hala ere, uretara erori zen. Tximistak jo balu bezala mugitu zen. Eta berriro bat-batean, beste salto bat emanaz, berriro adarrera igo. Ez ordea luzerarako. Ze, jarri zizkion tximuari bere begi odolduak eta ikaragarrizko bizitasunarekin bere gainera erori baitzen. Bere atzaparrak, orangutan horren bizkarra eta saihets hezurrak urratu zituzten, odoletan jartzeraino. Tximuak min oihu latza bota zuen. Inguruko errekako ura odolez gorritzeraino. Ezertarako denborarik eman gabe, atzera adarrera salto eman zuen panterak. Pozik bait zegoen lehenengo erasoaldian lortu zuen ondorioagatik. Tximua, ordea, ez zegoen lo. Panterak salto eman bezain laster, bota zuen bere beso luzea. Panteraren aurreko hankak adarrean kokatu ziren. Tximuaren besoak ordea, buztanetik heldu zion. Eta bertan gerarazi zuen. Hainbeste estutu zion, ze panterak ikaragarrizko oihu mingarri bat bota baitzuen. — Pantera gaixoa —esan zuen Yañezek, borroka hura ikustean. — Galdu da —Sandokanek—. Ez badu buztana askatzen, hortxe bukatuko dira bere egunak. Eta hala izan zen. Tximua odoldua zegoen. Zauri ikaragarriekin, baina indar betean. Isatsa askatu gabe, saltatu zuen adarrera panterari aurpegia emanaz. Tinkatu zituen bere hankak. Batu zituen indar guztiak. Gero jostailu bat balitz bezala, altxa zuen. Onda balitz bezala, erein zion, mila jira-buelta emanaz. Eta... zart! enbor lodiaren kontra jo zuen. Kraskateko ikaragarria entzun zen. Askatu zuen isatsetik eta animalia gajoa, zeharo deseginda urpean galdu zen. — Alu alua, hori duk hori eman dion kolpea! —esan zuen Yañezek— Azkar desegin dik! — Orangutanak beti irabazten du borrokan. Basoko animalia guztiei irabazten die. — Ez ote da orain gure kontra etorriko? — Ikusiko bagintu, ez dut uste barkatuko gintuztekeenik. — Itxarongo al dugu, aldegin arte? — Ordu luzeak egon beharko dugu orduan! — Zergatik? Ez du hemen zereginik eta. — Begira han gora. Zuhaitz horren gainera. Hori izango da, noski, tximu haundi honen habia. Hala dirudi behintzat. — Orduan, abia gaitezen. — Baita zera ere. Ingurune haundiegia eman beharko genuke. — Ez dugu bada beste biderik. Tirokatu dezagun tximu handi-mandi hori. Eta gurutzatu dezagun errekastoa. Poliki-poliki eta inongo zaratarik egin gabe, errekaren ur bazterrera inguratu eta adar baten atzean ezkutatu ziren. Zarbasta ugari zegoen inguruan. Beren tirotan huts egiten bazuten ere, nolabait defentsaren bat behar zutela eta, hura iruditu zitzaien lekurik egokiena. Kokatu zituzten ukalondoak adar zuzen batetan. Tiroak egokiago eta zehatzago joan zitezen. Bat batean, ordea, tximuak izugarrizko kolpe latz bat eman zion bere bularrari. Haserre seinalea zen, inondik ere. Zutik jarri eta hortzak estutu zituen. — Zer gertatzen zaio horri —galdetu zuen Yañezek—. Ikusi ote gaitu bada? — Ez, ez dut uste —erantzun zion Sandokanek—. Beste animaliaren bat begiztatuko zuen. — Beste animaliaren bat? Bai ote? — Egon isilik, egon isilik! Ikusi nola mugitzen diren adarrak! — Arraio zaharra, ingelesak ote dira bada? — Isildu Yañez,isildu! Altxa zen Sandokan. Kontuz eta urduri. Beste aldera begiratu zuen. Orangutan handia zegoen leku aldera. Aiba... norbait zetorren isilean-misilean, adarrak alderatuaz, poliki-poliki. Tximua ere konturatu zen. Beregana baitzetorren zuzen-zuzen nor hori... Eta tximua isil-isilik, zurbil egin da. Inongo zaratarik egin gabe. Arnas hotsa besterik ez zitzaion entzuten. — Zer, zer gertatzen da? —galde egin zion Yañezek Sandokani. — Norbait dator tximu madarikatu horren ingurura. Zuzen zuzenean, gainera. — A ze txolina! Zer da ordea, gizona ala aberea? — Ez dakit ziur. Ez baitut ikusten. — Eta indiarren bat balitz zer? — Hemen gaude gu, ez diogu tximuari hura desegiten utziko. Egon, egon, oraintxe ikusten dut. Esku bat azaldu da. — Zuria ala beltza? — Beltza, Yañez. Begiratu iezaiozu orangutan alu horri! — Lasai, prest nago eta! Une hartan, altxa zen orangutana. Ikaragarrizko marru latza bota eta desegin zituen inguruan zituen adar eta ostoak. Haien atzetik gizaseme bat azaldu zen. Haren kontra erortzera zihoan. Une berean, ordea, bi tiro entzun ziren. Bata bestearen ondoren. Hain zuzen, Sandokan eta Yañez, biek, tiro bana bota zioten orangutan hari. Bizkar erdian jo zuten bi tiroek. Orangutan hura zeharo zauritu zuten. Ahaztu zitzaion ondoan zeukan gizajoa eta bi piratei begira jarri zen. Haren amorrua ez zen nolanahikoa. Errekastora salto egin zuen, bi gizon haiek erasotzeko asmoz. Yañez ordea, berriro fusila kargatzen hasi zen. Korrika eta presaka. Sandokanek ez. Utzi zuen alde batera fusila eta hartu zuen eskuetan ezpata, kriss deitzen zaion ezpata. Han zetorkion orangutan ikaragarria. Su garretan. Igo zen beste adar batera, Sandokanengana iristeko asmoz. Eta luzatu zuen bere atzapar ikaragarria. Beste ur bazterretik oihu indartsu bat entzun zen: — Kapitana, kapitana! Eta danba tiro soinua segidan. Ez zion orangutan handiari bere atzaparra zeharo luzatzeko denborarik eman. Altxa zituen bi besoak bururaino. Begiratu zion zorrozki. Sandokani eta... plast uretara erori zen zerraldo. Une berean oihuka eta garrasika hasi zen etorri berria: — Kapitain jauna! Yañez! Kaixo, kaixo... Hau poza! Hemen al zaudete? Hemen al zaudete? Yañez eta Sandokan harri eta zur geratu ziren: — Paranoa! Paranoa! —biek batera pozik. — Bai, bai, Paranoa naiz. Hainbeste harritzen al zarete? — Zer egiten duzu baso honetan? —galdetu zion Sandokanek. — Zure bila nebilen, kapitan jauna. — Eta nola zenekien ni hemen nengoela? — Hor ibili naiz batetik bestera. Zenbait ingeles aurkitu dut bazterrak aztarrika. Eta zure bila dabiltzala iruditu zait. — Nola ausartu zara hemen barrura sartzen? —Yañezek. — Ze ba...? Ni ez naiz, gero, abereen beldur! — Ezetz? Bada, hor nonbait eta txiki-mila puska egingo zintuen orangutan horrek. — Beno, beno, kontuz. Oraindik behintzat ez ninduen harrapatu eta. Ez al duzue ikusi nola desegin diodan bere bizkarra tiro batez ala? — Eta zer, etorri al dira itsasontziak? —galdetu zuen Sandokanek. — Zuen bila abiatu nintzenean, nirea besterik ez zen ailegatu. — Besterik ez, arraioa! —erantzun zuen Sandokanek urduri. — Ez, kapitan jauna, besterik ez. — Noiz urrutiratu zara erreka ondotik? — Atzo goizean. — Zerbait gertatu ote zaie bada beste itsasontziei? —komentatu zuen Yañezek. — Agian, ekaitz madarikatu horrek iparraldera bultzako zituen —Sandokanek. — Agian bai —erantzun zion Paranoak—. Kristoren haizea baitzegoen. Nork kontra eutsi zezakeen hura? Nik neuk nahiko zortea izan nuen. Ze, badia batetara sartu bainintzen. Eta itsasoa baretu denean, erraza izan zait inguratzea. Esan dudanez, atzo goizean lurrartu nuen. Dena dela, dagoeneko agian etorri dira besteak ere. — Abia gaitezen! —esan zuen Sandokanek gogoz. — Badiara iristeko irrikaz zaude, ezta? — Bai, Yañez. Bai. Hori da nire beldurra. — Arranopola! Hori ez litzateke edozer gauza izango. — Eta hala baldin bada, zer egin dezakegu, zer? E, Sandokan? — Zer egin dezakegun, zer? Eta zuk galdetzen didazu hori? Zuk badakizu, ni ez nautela zoritxarrak menderatzen. Borrokan jarraituko dugu. Berdin-berdin. Etsaiak ezpata azaltzen badu, guk gurea erakutsiko diegu. Sutzen bagaituzte, guk ere haiek sutuko ditugu. — Pentsa ezazu gero, nire itsasontzian berrogei gizon besterik ez dagoela. — Eta zer? Berrogei bai, berrogei. Berrogei tigre, berrogei basakatu. Gu aurretik garela, nork menderatuko gaitu? — Zer nahi duzu. Kinta eraso ala? — Ikusiko dugu. Ikusiko dugu. Gauza bat esango dizuet. Eta hau da: ez naizela Victoria deritzaion uharte honetatik aterako nire Mariana Guillon nirekin eraman gabe. Bere gain egon daiteke Mompracem galtzea ala ez. Gure izarra itzaltzen ari da, Yañez. Eta ezin dugu utzi. Berriro indarberritu behar dugu. Ai neska horrek nahiko balu! Mompracem alderdiaren etorkizuna bere eskuetan egon daiteke. — Bere eskuetan eta zureetan ere bai, Sandokan —esan zion Yañezek—. Orain, dena dela, utzi ditzagun gure buruhausteak eta iritsi gaitezen errekatxora. Ea ailegatu diren beste itsasontziak. — Goazen bai —esan zuen Sandokanek. Eta abiatu ziren biziki. Paranoa aurretik, besteak atzetik. Bide zail bat zen. Ez zen erraza aurreratzea, baina hainbestean bazihoazen aurrera. Bost orduko bidaldia egin zuten. Zaila eta neketsua. Noizbehinka arnas hartzeko geratzen ziren. Ilunabarra zen errekatxoaren ingurura ailegatu zirenean. Sartalderantz jo zuten, ez baitzuten etsairik ikusi. Badiara iritsi zireneko gau betea zen. Paranoa eta Sandokan lur bazterreraino joan ziren. Ahal zuten urrutiena. Urrutian zer edo zer ikusteko itxaropena baitzuten. — Ikusi, ikusi, kapitan jauna —esan zion Paranoak—. Han urrutian. Puntu argitsu txiki bat. Izar bat balitz bezala. — Zer da, zer da? Agian gure itsasontziren argia? —Sandokanek. — Bai jauna, bai. Ez al duzu ikusten hegoaldera datorrela? — Eta zer seinale egin behar diogu honantz ingura dadin? — Piztu itzazue ur bazterrean bi sutzar —esan zuen Paranoak. — Goazen bada, penintsularen puntaraino —esan zuen Yañezek. Handik garbiago adieraziko diogu bide egokia. Bide nahasi batetik aurrera jo zuten. Oskoldunez eta arriskuz betetako leku zail batetik aurrera. Zuhaitzez betetako uharte bateraino iritsi ziren. — Piztu dezagun hemen sua —esan zuen Yañezek—. Honela ondo aurkituko du itsasontziak errekasto honen ahoa. — Gero ordea, errekastotik gora igoaraziko dugu —erantzun zion Sandokanek—. Ez nuke nahi ingelesak begiz jotzea. — Egon lasai —Yañezek—. Aintzira barruan ezkutatuko dugu, kainabera tartean. Han dagoenean adarrez eta hostoz disimulatuko dugu. — Ale, Paranoa, egin ezazu seinalea! Ez zuen malasiarrak denborarik alferrik galdu. Hartu zituen bazterretatik adar eta adaska lehorrak. Bi su meta egin eta su eman zien. Urbazterretik begira-begira zeuden. Eta hara, itsasontziko argi txuria ezkutatu eta gorria azaldu zen. — Ikusi gaituzte, ikusi gaituzte —esan zuen Paranoak—. Itzal ditzazkegu sutzarrak. — Ez, ez —erantzun zion Sandokanek—. Oraindik ere su horiek badute zeregina. Zure gizon horiek ez dute badia hau ezagutzen, ezta? — Ez, kapitain jauna. — Beraz, gida ditzagun. Urduri zeuden hiru itsaslapurrak farol gorriari begira. Hamar minutu geroago ikus zitekeen inguratzen ari zela. Bere oihal handiak, zabal zabalik eta itsasoko olatuek brankaren aurka jotzean danbateko soinua ateratzen zuten. Itsasoan labaintzen zen txori handi bat zirudien itsasontziak gau ilun hartan ikusita. Maniobra pare batetan badiara sartu eta errekatxoaren aho aldera jo zuen zuzenki. Hiru itsaslapurrek uhartea utzi eta korrika bizian inguratu zitzaizkien. Bota zituen aingurak kainaz betetako ingurune batetan. Berehala inguratu zen Sandokan. Sandokanek isiltzeko agindu zien itsaslapurrei, ze hauek prest baitzeuden Agur zaratatsu bat egiteko. Eta zera esan zien: — Agian inguruan dabiltza gure etsaiak, eta isil isilik egotea komeni zaigu. Ez nuke nire asmoak pikutara joaterik nahi. Gero, ontziko bigarren buruari hunkiduraz beteta, zera galdetu zion: — Eta besteak? — Ez dira etorri —erantzun zion honek—. Paranoa jaitsi denean, itsas bazter guztia begiztatu dut. Borneoraino iritsi gara. Ez dut gure ontzien arrastorik aurkitu. --Eta orduan, zer? Zer iruditzen zaizu zuri? Pirata, ordea, kezkatan jarri zen. Ez baitzekien zer erantzun. — Zer? Esan ezazu zerbait —esan zion Sandokanek. — Nire iritzia, ez da alaia: nire iritzian gure beste ontziak, kostaren kontra triskatu eta ur azpira joan dira. Hori da, hain zuzen, nire iritzia. — Zugan dut nire konfiantza, Yañez. — Ezin dugu gure itsasontzi hau hemen utzi. Edozeinek aurki dezake. Edozein ehiztarik. — Hori guztia pentsatu dut nik, Sandokan. Paranoari agindu diot zer egin behar duen. Etorri Sandokan. Jan dezagun mokadu bat eta oheratu gaitezen. Nik ezin dut gehiago. Berehala Paranoa eta bere mutilak desmuntatu zituzten itsasontziaren zenbait gauza: oihalak, masta eta abar. Yañez eta Sandokan bodegara jaitsi ziren gosea asetzera. Bapo janda gero, literatan etzan ziren. Hainbesteko lo gurea baitzuten. Yañezek segituan hartu zuen lo. Ez ordea Sandokanek. Ezin zuen. Orduak egon zen etorri ez ziren ontzi eta mutiletan pentsatzen. Non ote zebiltzan. Goizaldera lo kuluxka egin zuen. Motza ordea. Gainaldera, azalera igo zenerako zeharo disimulatua zegoen itsasontzia. Adar eta hostoz estalia. Beraz, edozein barku edo ehiztari inguratzen bazen ere, ezin zezakeen hura aurkitu. Itsasontzia aintziratxo batean zegoen. Baso ilun eta bete batean. Mastak, oihalak, dena ezkutatua zegoen. Adar, hosto, zarbasta eta abar. Inork ezin zezakeen asmatu han azpian ontzi bat estalita egon zitekeenik. Ezta gutxiagorik ere. Gauza naturala zirudien. — Aizu, Sandokan —galdetu zion Yañezek—. Zer iruditzen zaizu hau? Ederki, ezta? — Primeran, ez nuen uste hain trebeak zinetenik. Ezin da ontzia hobeto disimulatu. — Bada, orain, zatoz nirekin. — Nora? — Lehorrera. Zatoz nirekin. Hogeiren bat gizon gure zain daude. — Zer asmo dituzu Yañez? — Gero esango dizut. Lasai, Eta zuek —esan zien gainaldean zeuden piratei—, bota ezazue txalupa eta ondo begiratu. Errekatxoa pasata gero, adar arte bete batetara zuzendu zuen Yañezek Sandokan. Han zeuden hogei gizon ezkutatuak, eta hortzetaraino armatuak. Paranoa eta buru ordeko zen Ikant ere han zeuden. — Denok al zaudete? —galdetu zuen Yañezek. Orduan, entzun iezadazue arretaz —jarraitu zuen portugaldarrak—. Zu, Ikant, itzul zai- tez itsasontzira. Zerbaiten berri duzunean bidal ezazu norbait. Badakizu zuk bidal dezakezun gizon horren mendean beste bat egongo dela. Horrela kate bat osatuko dugu. Guk gure aginduak bidaliko dizkizugu, eta unerik galdu gabe bete behar dira. Kontuz ibili txaketa gorridunekin. Ez zaitzatela harrapa. Era horretan, badakizu, bata bestearengandik urruti egon arren, bai zuk gu, bai guk zu informatu zaitzakegu instante batean. — Nirekin kontatu —Yañez jauna. — Zoaz, bada, itsasontzira, eta zelatatu arretaz. Buru ordekoa, taldetxo batekin igo zen txalupara. Eta berriro ere errekatxoan gora abiatu zen. — Nora garamatzazu? —galdetu zion Sandokanek—. Ez dut ezer ere ulertzen. — Egon pixka bat, adiskide. Egon lasai. Aurretik, ordea, esan iezadazu ze distantzia dagoen itsasoatik Lord Guillon jaunaren finkara. — Zuzen zuzenean, bi kilometro edo... — Orduan, badugu nahiko gizon. — Baina, Yañez, zer egin behar duzu? Zer? — Esan dizut pazientzia hartzeko, Sandokan. Iparorratza eskuetan zuelarik, basoan barna abiatu zen. Laurehunen bat metro ibili zituzten. Gero gerarazi zituen bere gizonak zuhaitz lodi baten enbor ondoan. Marinel bati zera esan zion: — Zu hemen gelditu, egin ezazu bordatxo bat eta egon lasai, gure aginduen berri jakin arte. Badakizu hemendik laurehun metrora dagoela erreka. Sortaldera, eta distantzia berean beste gizon bat egongo da, badakizu. Ontzitik etor daitekeen edozein agindu, zure ingurunean dagoenari emango diozu. Ulertu al duzu? — Bai. Yañez jauna. Bai. Han geratu zen malasiarra txabolatxo bat egiten. Inguruan adar eta hosto asko zegoenez, ez zen hain lan zaila. Taldeak berriro aurrera jo zuen. Esandako distantzian beste gizon bat gelditu zen. — Orain ulertzen al duzu? —galdetu zion Yañezek Sandokani. — Bai, bai, orain ulertzen dut. Harrigarria zara. Zelatari kate honen bidez, erraz jakingo dugu itsasontziko berri, edota berak finka inguruko berri. — Hori da, hori. Une batetan bidal diezaiokegu Ikanti, ordena bat. Edota itsasontzia prestatzeko, armatzeko, edo ospa egiteko. Edota guri laguntzera etortzeko eta abar... — Eta guk, non jarriko dugu kanpamendua? — Victoriara doan bideska ondoan. Handik erraz zelatatuko dugu Lord jaunaren etxea. Nor atera, nor sartu, ondo ikusiko dugu. Halako batetan, ihes egitea erabakiko balu, gurekin kontatu beharko luke. Hemen egongo lirateke gure tigre hauek, gure basa mutilak. — Eta Lord jaunak ihes egitea pentsatuko balu, zer? — Arraioa! Ez dugu bakean utziko. Bere etxe hori erasoko dugu amorru biziz, neskatxa hori gure eskuetan harrapatu arte. — Ibil gaitezen kontuz, Yañez. Ez dut uste hainbesteren beharrik izango denik. Gauza da alu hori neska bera hiltzeko eta... — Ez al du halakorik egingo madarikatuak! — Gizon hori edozer gauza egiteko prest dago, Yañez. — Bai? Orduan zuhur jokatu beharko dugu. Oso zuhur ere. Baso ertzeraino iritsi ziren. Beste aldetik belaze zabal eder eta berde bat ikus zitekeen. Eta ingurutan sastraka, zikinkeria ugari. Bidexka bat ere nabari zitekeen. Bidexka edo garai batetan hala izandakoa behintzat. Baina ez zirudien jende askorik ibiltzen zenik. Ze belar luze eta trinkoz josia baitzegoen. — Hau al da Victoria aldera garamatzan bidexka? —galdetu zion Yañezek Sandokani. — Bai, hauxe da —erantzun zion piratak. — Orduan, ez da finka hori urruti egongo. — Ikusi zuhaitz haien atzean. Hesi mutur bat ikus daiteke. — Hala da bai! —erantzun zion Yañezek. Gero Paranoa adiskideari begiratu zion, zeina sei lagun inguruan zituela baitzegoen. — Zoaz baso ertzera, eta jarri denda estalian eta ezkutuan. Ez zuen hark beste agindu beharrik. Laster aurkitu zuen honek gustuko txoko bat. Han zabaldu zuen denda. Ingurua sastraka, adar eta hostoz disimulatu zuen. Barruan gorde zituen janari guztiak: kontserba latak, bakailaoa, haragi gatzatua, bizkotxoak eta nola ez, ardo botila batzuk ere. Hori egin eta gero lagun guztiei agindu zien: — Begiratu ingurura ea inork zelatatzen gaituen. Sandokan eta Yañezek aurrera jo zuten. Ausarti finka aldera. Hesiraino iritsi ere bai. Gero atzera jo eta denda disimulatuan babestu ziren. — Pozik al zaude pentsatu dudanarekin? —galdetu zion Yañezek. — Nola ez bada? —Sandokanek. — Ondo gaude hemen. Finka inguruan. Madarikatu horrek ihes egin nahi balu, gure fusilen ingurutik pasa beharko luke. Eta une batean behar izanaz gero, gure mutilak ere bildu ditzazkegu ordu erdi batean. Ez dadila mugitu, bestela triskatuko dugu eta. — Bai, bai —erantzun zuen Sandokanek—. Gai nintzateke nire mutilekin edozeinen aurka jokatzeko. — Orain, jan dezagun... Hainbeste ibili eta gosetu bainaiz ni... Hamaiketakoa egin eta zigarroa piztu zuten. Garai onena ez izan arren, whisky botila bati ere kaixo bikaina esan zioten. Halako batean hara nondik azaltzen den Paranoa korrika eta larri. — Zer gertatzen da, zer? —galdegin zion Sandokanek fusila hartuta. — Norbait datorkigu ingurura. Zaldi trosta entzun dut. Victoria aldera doan ingeles bat ote da bada? — Ez, jauna, ez dut uste. Handik datorrela uste dut. — Urruti al dago? —Yañezek. — Hala uste dut. — Etorri Sandokan! Eskopetak hartu eta sastraka eta adar tartean ezkutatu ziren. Beste sei lagun ere bai. Bidera jo zuen Sandokanek. Belarria lurrean jarri eta garbi antzeman zion zaldiaren trostari. — Bai, bai —esan zuen altxatuta—ingurura datorren zaldunen bat da. — Hobe duzu ezer egin gabe pasatzean uztea —adierazi zion Yañezek. — Utzi pasatzen? Ezta pentsatu ere! Gatibu bezala hartuko dugu. — Zergatik, ordea? — Agian mezu garrantzitsuren bat darama berarekin. — Bada, erasotzen badugu, tiroren bat bota dezake eta finkako norbaitek entzun ere bai. — Ez diogu tirorik botatzeko astirik emango. — Hori zail samarra izango da, Sandokan. — Ez dut uste hain zaila izango denik. Ikusiko duzu... — Nola, nola? — Zaldia trostan dator. Guk hemen trabaren bat disimulatua jartzen badiogu, zaldiak ez du pasako. Lurrera eroriko da zalduna eta guk katez lotu eta mutur lotuko dugu. — Eta zer traba jarri behar diozu? — Etorri, Paranoa. Etorri. Ekarri soka bat. Azkar. — Orain, orain —esan zion Yañezek—. Ideia bikaina da. Har dezagun gatibu bat, Sandokan. — Barre egiten al duzu? — Arrazoiarekin gainera, Sandokan. Ikusiko duzu zer ederki aterako den. Lord jaunari ederki joko diogu adarra. Paranoak zabaldu soka eta belar tartean tinkatu zuen. Alderik alde. Belar tartean, ikus ez zedin. Gero bera, sasi baten atzean gorde zen. Besteak borobilean zabaldu ziren. Traba pasatzen bazuen ere, ihesik egin ez zezan. — Hemen dago, hemen dago! —esan zuen Sandokanek, zeina Yañezekin batera ezkutatu bait zen. Bat batean zuhaitz tartetik azaldu zen zalduna. Trosta bizian. Hogeita bi, hogeitahiru inguruko gazte bat, indio jantziz hornitua. Urduri eta egonezin zegoela zirudien, ze zaldia gogor ezproinatzen baitzuen. Ingurura errezeloz betetako begirapenak botatzen zituen. — Erne, Yañez —marmartu zuen Sandokanek. Gazte hura soka zegoen leku berera zihoan izugarrizko abiaduran. Eta hara, jotzen du soka eta han joan ziren zaldi eta zaldun hankaz gora. Oraindik ere zaldipetik irten gabe zegoela inguratu zitzaion Sandokan eta ezpata kendu zion gerritik. Altxa zen, baina Juioko zeritzaion pirata batek kolpe batez lurrera bota zuen berriro eta esan: — Ez txorakeriak egin eta ez aurka jarri, bestela bizia moztuko dizut. — Alu miserableak! —esan zuen soldaduak. Juioko eta beste bi piraten tartean lotu zuten goitik beheraino. Gero baso trinkoan barruratu zuten. Zaldiari begiratu zioten, agian erorketa hartan hankarik hautsi zuen ala ez aztertzeko. — Hau da bestea! —oihu egin zuen Yañezek pozik—. Orain bai harro ibiliko naizela kinta horren barruan. Sarjento graduazioa nireganatu nahi dut. Lotu zuten bada zaldia zuhaitz batera. Bitartean Sandokan Sarjento gaztea aztarrikatzen ari zen. — Zer? Ezer ez? —galdetu zion besteak. — Ez diot eskutitzik aurkitzen. — Gutxienez hitz egin dezala. — Hitz egin, hitz egin? Ez dut hitz egingo —erantzun zien sarjentoak. — Nora zindoazen? — Paseatzen nebilen. — Hitz egin ezazu! — Hitz egin dut —erantzun zuen sarjentoak itxuraz lasai. — Itxaron, orduan. Malasiako Tigreak ordea, Sandokanek, atera zuen gerritik kriss ezpata eta zintzurrean jarri zion punta. — Hitz egin ezazu, bestela akabatuko zaitut. — Ez, eta ez —erantzun zuen honek. — Esan! —berriro Sandokanek ezpata estutzen zuelarik. — Hitz egingo dut bada —esan zuen gatibuak. — Nora zindoazen? — Lord Guillon jaunaren etxera. — Zertara? Soldadua zalantzan jarri zen. Sandokan, ordea, berriro kriss delakoarekin inguratu zitzaion eta bestea larritu zen. Hala esan zuen: — Baronet William Rosenthal delakoaren gutun eramatera. — Eman iezadazu gutun hori! — Nire kaskoan dago, txapa baten azpian. Hartu zuen Yañezek kapelua eta txapa kendu zion. Han azaldu zen gutun hura. — Ezer berririk ez —esan zuen irakurtzean. — Zer idazten du baronet alu horrek? —galdetu zion Sandokanek. — Lord jaunari zera esaten dio. Kruzeroren batek ikusi omen du gure itsasontziren bat. Agian berehala lurrartuko dugula eta erne ibiltzeko. — Besterik ez? — Aaa... bai. Ze tontoa naizen. Mila agur bidaltzen dizkio Marianari eta bere maitasun sugarraren zinik biziena. — Bidean harrapatzen badut! — Juioko —esan zuen portugaldarrak—. Bidal ezazu itsasontzira norbait. Eta ekar dezala azkar luma eta papera. — Zer egitera zoaz? —galdetu zion Sandokanek harrituta. — Nire asmoak aurrera eramateko behar dut. — Esan, esan zer pentsatzen ari zaren. — Bai, gizona, esango dizut. Lord James jaunaren kintara noala. Hori da dena. — Zuuu? — Bai, niiiii! —erantzun zuen honek pausaki. — Nola ordea? — Honen jantziak jarrita. Nola bada? Ikusiko duzu ze polita jarriko naizen. — Orain, orain hasten naiz ulertzen. Beraz, jazten zara soldadu hau bezala, zipayo jantziekin eta Victoria aldetik zatozenaren itxura egiten duzu. — Hori da Lord jaunari abiatzeko ordena ematen diot eta bidean segada batean erorarazten dugu. — Ikaragarria zara Yañez —esan zuen Sandokanek besarkada bat ematen ziolarik. — Ez hainbeste estutu gizona —Yañezek— hezurrak hautsiko dizkidazu eta. — Hori lortzen badugu, zu izango zara nire gauza guztien jabe. — Ikusiko duzu ze ederki aterako den. — Ez al duzu arrisku gehiegirik ibiliko? — Ba...! onik aterako naiz. Ez dut uste ezer gertatuko zaidanik. — Baina, zertarako nahi dituzu papera eta arkatza? — Lord jaunari gutun bat idazteko. — Nik ez nuke horrelako jokatuko Yañez. Ze, gizon hori fidakaitza da. Letra desberdina dela nabaritzen badu, bertan zintzilikatuko zaitu. — Arrazoia duzu, Sandokan. Hobe izango da mezua hitzez ematea. Ale, erantzi ezazue zipayo hori. Bi piraten artean larrugorritan jarri zuten gatibua. Galdutzat jo zuen honek bere burua. — Hil behar al nauzue? —galdetu zion Sandokani. — Ez, hil ez —erantzun zion honek—. Zu hilda ez dugu ezer irabazten eta. Baina gu hemen gauden artean, gure gatibua izango zara. — Eskerrik asko, jauna. Eta jantzi zen Yañez zipayoaren jantziekin. Estu samar zeukan baina... tira. Ez hain gaizki ere. — Ikusi, adiskide, ez duzula behin ere halako soldadu majo eta presturik ikusi! — Egia da —erantzun zion Sandokanek—. Ez nuen uste halako soldadu majo eta apaina egongo zinenik. Orain esan esaidazu zer egin behar dudan. — Begira: egon zaitez hemen ezkutatua eta ez inora mugitu. Erasotuak izan zaretela esango diot. Basotan barna barreiatuak zaudetela eta erdi deseginak. Orain dela unerik onena Victoria aldera abiatzeko eta han babesteko. — Oso ondo! — Pasatzen garen bezain laster, zuek erasotu eskolta guztia. Eraso gogor. Nik eramango dut Mariana itsasontzira. Ados al zaudete? — Oso ondo, nire lagun eta adiskide. Esan iezaiozu Marianari beti gogoan dudala. Gau eta egun. — Agur lagun. Jainkoak, baldin bada behintzat, gorde gaitzala. Aupatu zen zaldi gainean, hartu zituen eskutan zaldi uhalak, zulatu zituen ezproinak eta han abiatu zen pozik eta txistuka, paseatzera balihoa bezalaxe. MOMPRACEM Sandokanen uharteak Mompracem zuen izena. Leku beldurgarria, ze askok entzun hutsarekin dardarez jartzen baitziren. Ingelesak Sandokan beste lekuetan zebilela jakin zutenean, eraso bizia jo zioten irla honi. Defendatzaile gutxi zeuden han. Hala ere bere kapitaina Giro-Batolek, hain ausarta izanik, zeharo menderatu zituen ingelesak. Nahiko lan eta kalte izanik, ordea. Beraz, Sandokan haruntz iritsi zenean beso zabalik onartu zuten. — Gora Malasiako Tigrea! —esaten zuten—. Goazen Labuan aldera ingelesek ekarri dizkiguten bala eta zoritxarrak itzultzera. — Jauna —esan zion Giro-Batol kapitainak—. Abordaia egin nahi izan genien honuntza etorri ziren itsasontziei, baina ez genuen lortu. Goazen Labuan aldera. Eta sutu eta kiskaili ditzagun hango bazterrak, ez harri ez landare bizirik gabe utzi arte. Sandokanek ez zion erantzun. Mariana hartu eta jendartera pasa zuen: — Emakume honen aberria da —esan zien. Jendeak harriduraz begiratu zion hain emakume ederrari. — Labuan aldeko perla da hori! —zioten denek. Sandokan eta Marianak eskilara batzuek igo zituzten. Gero zera esaten dio emazteari: — Hau da zure etxea. Badakit ez dela oso polita. Baina segurua da. Etsaiak ez dira behin ere honantzaraino iritsi. Menderakaitza da. Seguru egongo zara hemen. Egunen batean Mompracemgo erregin izan nahi bazenu, nik gaztelu bat egingo nizuke. Baina, alferrik da. Hemen dena hiltzen eta desegiten ari da. Eta bere nahigabea disimulatu ezinik bi eskuak bularretan estutu zituen. Orduan Marianak: — Asko sufritzen duzu, Sandokan. Ez didazu dena esaten! — Ez, maitea, ez. Bihotz hunkituta nago, hori da dena. Ez al duzu ikusten nola dagoen gure irla hau, erdi puskatuta, lagun pila hilak, bazterrak deseginak. — Sandokan, zuk lehengo zure indar galduari egiten diozu negar. Uharte hau galtzeko beldur zara. Nahi al duzu nik ere zuk bezala ezpata hartu eta borroka egitea? — Zuk ezpata hartu? Ez ez, ez dut nahi zu horrelako emakumea izatea. Hemen ez dira kainoiak eta fusilak behin ere isiltzen. Ez nuke nahi zu hemen luzaroan bizitzerik. — Beraz, zure handitasun, zure gizon eta indarrak baino gehiago maite al nauzu? Bitartean piratak lanean ari ziren bazterrak konpontzen, defentsak ipintzen, zangak irekitzen, arrokak altxatzen eta abar. Mariana utzi eta bere lagunengana joan zen Sandokan. — Beharrezkoa dugu neurri bereziak hartzea. Gure irla desegiten badute ere ez ditzagula gure aberastasun handi horiek galdu. — Ez ote gara bada gauza izango etsaiei kontra egiteko?— Nire dudak ditut, Yañez. Zerbaitek irla galdu behar dugula esaten dit. — Ba... Zuk uztea erabaki duzunez gero, zer zaio gaur galdu ala hemendik hilabete batera? Ba al dakite hori beste piratek? — Ez, baina gaur bertan esango diet. — Gogorra izango da denentzat, ikusiko duzu! — Bai, badakit, baina berak nahi badute pirata gisa jarrai, segi dezatela, nik ez diet trabarik egingo. — Baita zera ere, inork ez zaitu utziko, denek zurekin joan nahiko dute. — Badakit, bai. Beno, Yañez, egin dezagun bada gure irla hau, konkista ezina ezin badugu, beldurgarri, zeharo beldurgarri. Lanean ari ziren gizonengana inguratu ziren. Gogor ari ziren. Arrokak jartzen, kainoiak, esku-kainoiak, barrikadak, zuhaitz enbor lodi, harkaitz puska haundi, burnizko babesak, denetik. Gaua iritsi zenean hiru itsasontzi prestatu zituen itsasoratzeko. Haietako batean gorde zituen bere aberastasun guztiak. Mendebal aldera. Uhartea galtzen bazuten ere, ez zitezela haiek gal. Gau erdia zen. Yañez, eta beste buruzagiak gordeleku nagusira, gotorleku nagusira igo ziren. Han zegoen Sandokan zain. Eder eta apain zegoen dena, berrehunen bat pertsona hartzeko moduan. Dena urre, ohial, tapiz eta argi eder. Sandokanek ere jaijantzia ipini zuen, buru zinta berdea, gandorra perla ugariz hornitua. Gerritan zeramatzan bi kriss labanak, buruzagiaren ikur eta ondoan zimitarra beldurgarria, urrezko eskumuturrarekin. --Lagunak, adiskideak –esan zien-. Gauza garrantzitsu batera deitu zaituztet. Mompracem gure irlaren etorkizunari buruz hitz egin nahi dizuet. Urtetan ari naiz eta ari zarete gure etsaien kontra borrokan. Gure familia, gure senideak, gure herritarrak hil eta desegin zituzten arraza gaizto horren aurka. Gure lurrak mende hartu eta lapurtu dituzten horien kontra. Orain malasiarren odola galdu nahi dute, gainera. Nik, aski dut. Nahiko borroka egin dut. Atseden hartu nahi dut. Dena dela badakit, agian bihar hemen izango ditugula etsaiak gure irla hau desegin nahian. Orduan, dena dela berriro ere azkeneko aldiz borroka egingo dut. Gero uharte hau utzi nahi nuke. Emaztearekin bizitzera joan nahi nuke urrutira. Zuek nahi baduzue, jarraitu pirata lanean. Nire itasontzi eta kanoiak zuentzat. Nirekin etorri nahi baduzue, ontzat emango zaituztet aberri berrian. Piratek ez zekiten zer esan. Harrituta bait zeuden. Batzuek negarrez, besteak burumakur. — Negar egiten duzue? —esan zien Sandokanek—. Baina, nik ere barruan negar egiten dut. Nire indarra uztea, nire irla hau abandonatzea, nire itsasontzi, lagun, kanoi, dena uzteak halako min zirrara ematen baitit. Baina, alferrik da, aski egin dut. Orain nire emaztearena bakarrik izan nahi dut. — Jauna, jauna —deihadar egin zion Giro- Batolek—. Ez zaitez joan. Gelditu hemen. Guk defendatuko dugu. Zure emaztearen aberria izango da. Gizon gehiago ekarriko ditugu, eta Labuan, Varuno, eta Sarawak, denak txikitu eta desegingo ditugu. Marianari ere gauza bera esaten zioten besteek. Ez zutela utziko, berek defendatuko zutela, bere erregin izango zela... Halako batean, hau jendartean aurreratu zen eta isiltzeko eskatu zuen: — Sandokan —esan zuen ahots indartsuz—. Nik esango banizu, zure itsas lapurketak uzteko, zure mendekuak alderatzeko eta nik nire herritarrekin ditudan sokak hautsi eta hemen bizi nahi dudala, irla honetan bizi nahi dudala esango banizu, onartuko al zenuke? — Zu, Mariana, hemen gelditu? — Zuk, esan: nahi al duzu? — Bai, nola ez bada, eta geroztik ez nuke armarik hartuko, irla hau defendatzeko ez balitz. — Hori horrela baldin bada —Marianak— izan dadila Mompracem nire aberria. Hemen geldituko naiz bizitzen. Ehun beso pare altxa ziren gora bere arma eta guzti. Pozaren pozez. Neska berriz, Sandokanen besoetan. Denek batera zera zioten: — Gora Mompracemgo Erregina. Gora Malasiako Tigrea. GUDA ANKERRA Hurrengo goizean gauzak zeharo aldatu zirela ematen zuen. Denek gizonak baino gehiago erraldoiak ziruditen. Lan gogorra egiten ari ziren. Ez baitzuten irla hura utziko. Beraz, ahal zen ondoena babestu eta hesitu behar zen. Bakoitzak bere lana egiten zuen. Nondik hesiak jarriaz, harkaitzak ipiniaz, gordeleku indartsuak eginaz. Barkuetako artileria ere han ipini zuten, minak ipini zituzten, zangak ireki. Azpian burdin pozoituak jarri eta gainean arantzazko zarbastak, polborinak ugaritu eta armak prestatu. Bertako Erregina han zebilen denak animatzen. Denen buru Sandokan, non alde batean, non bestean ikusi baitzitekeen, animatuaz, lan eginaz, defentsak indartuaz, Yañez atzetik zuela. Eguerdi aldean bezperan itsasoratu ziren hiru pirata itzuli ziren. Ez zegoen berri handirik. Kainonero bat, espainitarra itxuraz, ikusi omen zuten. Besterik ez. Beraz, lasai. — Bada ni ez nago lasai —esaten zuen Sandokanek—. Eraso gogor bat espero dut. Oraingoan ez dira ingelesak bakarrik etorriko. Beste asko ere etorriko da. — Espainiar eta holandarrekin elkartu ote dira bada? — Bai, Yañez. Bihotzak hala egin dutela esaten dit. — Bada ez gaituzte lotan harrapatuko. Gure irla hau zaila izango da menderatzen. — Bai, baina ez gaitezen fida. Eta netzutzen bagaituzte, ontziak prest daude ospa egiteko. Gero zenbait pirata herri barrura joan zen bertako jendea borrokarako kontratatzeko. Gauerako bazter hura zeharo indar armatua zegoen. Bazirudien menderakaitza zela. Hiru ilada defentsa jarrita zeuden erdi borobilean. Hesiak eta zangak tartean inork sartzea saiatzen bazen ere. Alde guztietan kanoiak, eskukanoiak, morteroak eta zer dakit nik... Gauez Sandokanek ontziak masta gabe eta ezer gabe uzteko agindua eman zuen, etsaiak erabili ez zitzan. Gero kostak zaintzera txalupa batzuk bidali zituen. Goizaldera ordea, Sandokan, Yañez eta Mariana, asaldatuak esnatu ziren. Zera entzun baitzuten: --Etsaia, etsaia! Jaiki ziren biziki eta arroka ingurura atera. Egia zen. Sei zazpi kilometrora, ontzi andana handi bat begiztatu zuten. Gudurako prest eta iladan jarriak zetozen. Sandokan eta Yañez kopetilun jarri ziren: — Hori da barku pila hori —esan zuen Sandokanek—. Non bildu ote dituzte ingeles horiek hainbeste barku? — Gure kontra etortzeko elkartu dira. Begira: ingeles barkuak daude, holandarrak eta halako pirata alu... Varauni deritzaiona ere hor dator. Begira gero zer nolako ontzi pila zetorren: tona handiko hiru kruzero ingelesen ikurrinarekin, bi korbet ontzi leporaino armatuak, lau kainoilari eta Varauni Sultanaren zortzi itsasontzi. Denetara, 150-160 kainoi eta mila eta bostehunen bat gizon. — Gehiegi da hori —oihukatu zuen Yañezek. — Bai, baina gu ausartak gara eta gure morala handia. — Irabaziko al dugu, Sandokan? —murmur egin zuen Marianak. — Ez dezagun itxaropenik gal. Nire gizonak ausartak dira. — Sandokan, beldur naiz. — Zeren beldur? — Hilko ote zaituzten beldur! — Gaur arte nire izan dudan izarrak ez nau orain zure alde ari naizenean utziko. Eskailera jaitsi eta bakoitza bere postura joan zen. Han ziren bertako berrehun seme ere. Hauek ez zekiten gudu egiten, bai ordea kanoiak disparatzen. Zerbait bazen. — Ba... Hirurehun eta berrogeita hamarren bat gara. Zerbait egin dezakegu. Sandokanek ausartenen arteko bizpahiru hartu eta basora bidali zituen Mariana zaintzeko. — Laster itzuliko naiz zuregana—esan zion—. Ez naute zaurituko, zaude lasai. Irribar egin eta bere gudu mutilengana joan zen oihuka: — Ala tigretxoak, ala basakatuak, ala basurdeak. Irabaziko dugu! Eta denak: — Gora Sandokan. Gora Erregina. Etsaiak sei bat kilometrotata heldu ziren. Bazirudien ontzi nagusian bilera bat egitera zihoazela. Hamarrak aldera ostera, badiarantz abiatu ziren. — Aurrera Tigreak —oihu egin zuen Sandokanek—. Gogora ezazue Erreginaren alde ari zaretela eta zuen etxetar eta herritarrak hil dituztenen aurka. Kanoikada batek kolpean piraten banderaren masta txikitu zuen. Eta Sandokanek berekiko: — Ai, etsai zitalak, barruak irabaziko duzuela agintzen dit. Ontzidi guztia aurrera zetorren, lerro bat eginaz. Erdian kruzeroak eta saietsetan Varaunirenak. — Eman su —esan zien Sandokanek—. Garbitu ezazue itsaso hori. Bakoitzak bere armak disparatu zituen. Bazirudien lurrikara bizia sortu zela. Danbateko bikainak hartu zituzten itsasokoek. Baina ostera berehala erantzun zuten. Itsasontzi guztiak batera su jo zuten. Une berean disparatzaileak jo eta sutzen zituzten armak. Ikusgarria baitzen hura. Gizon taldetxo bat era hartan hainbeste eta hainbesteren aurka. Han ziren sua eta garrak, han ziren kanoikadak. Itsasontzien saihetsak gero eta deseginagoak geratzen ari ziren. Baten batek lehorreratu nahi bazuen, hara zuzentzen ziren zehatz erantzun sutsuenak eta gogorrenak. Atzera jo behar zuten ostera. Eta haien artean, edozein baino ausartago, balentriago, Sandokan bera, su eta gar, kanoi bati jo eta ke. Denak animatuz: – Eman sutagarrari! Garbitu itsasoa! Urazpiratu barkutzar horiek! Gogor ari ziren bai piratak sutzar haren tartean. Hainbeste kanoikada eta abar ingurura erori arren eta bere bastioi handi haiek erdi desegin arren, odol otzenarekin apuntatu eta etsaia triskatzen zuten alde guztietatik. — Zatozte, zatozte lur hartzera —esaten zien Sandokanek—. Ume petralak. Zer egin dezakezue zuek gure aurka? Bastioi haiek trinko mantentzen ziren bitartean eta polbora bukatzen ez bazen behintzat, han ez zegoen zereginik. Erasotzaileak larri ziren. Bere ontziak erdiak galduak, beste erdiak desarbolatuak eta zulatuak. Atzera itzultzera zihoazen. Seiak ziren, gutxi gorabehera. Batbatean urruti zetorkien laguntza begiztatu zuten. Beste bi kruzero ingeles ziren zetozenak, korbet holandar bat eta oihalezko bergantin bat, denak hortzetaraino armatuak. Hura ikusi zutenean, dena galdutzat jo zuten Sandokan eta Yañezek. Ordu laburretan galduko zuten irla. Baina ez ziren desanimatu. Handik zetozen granada, bonbazo eta abar ikaragarriak ziren. Bastioi gogorrenak ere kolokan jarri ziren. Hesiak hautsi zituzten. Ordu bete baten buruan lehenengo bastioi ilada zeharo hauts bihurtuta zegoen. Sandokanek barku etsai nagusia bereziki erasotzea erabaki zuen. Hara bidali zituen bere tiro nagusiak. Hogei minutu eutsi zion. Azkenean ordea, Girol-Batolek bota zion granada astun batek izugarrizko urradura ireki eta ur azpira joan zen. Une larriak izan ziren barrukoentzat. Ontzitxo eta abar saiatu ziren uretaratuak jasotzen. Baina gutxi libratu ziren piraten metrailetatik. Ontzi taldea une batetan geldirik egon zen. Gero berriro hasi ziren. Irlako bateriak denak deseginak zeuden. Piratak bigarren bastioi iladara pasa beharra izan zuten. Oraindik trinko mantentzen zen erdi erdiko bastioia, bera baitzen indartsuena eta armatuena. Eta Sandokan beti animatzen. Baina bazekien dena galdua zegoela. Ordu erdi bat geroago polborin bat lehertu zen. Eta bere azpian hamabi pirata eta hogei bertako hil ziren. Beste ahalegin bat egin nahi izan zuten. Kruzero handiena eraso behar zen. Baina bazterretako kanoiak lehertuak zeuden. Hogeiren bat minutu pasa zirenerako erdiko bastioia ere zeharo txikitu, lurrera etorri eta berarekin pirata sail bat hil zen. — Sandokan —esan zion Yañezek—. Esaiezu lagunei atzera jotzeko. Gero berandu izan daiteke eta. Galdu dugu hau. — Egia da —erantzun zion honek. Hondamendi handia zegoen inguruan. Hamazazpi kanoi eta hogei esku kanoi besterik ez ziren gelditzen. Ontzi batekoak lehorreratzera zihoazen. Beraz presaka jokatu beharra zegoen. Erretiradan zeuden bitartean negar egiten zuten itsaslapurrek. Basoan barna galdu ziren etsaiak lehorreratzen ziren une berean. Mompracem galdua zegoen. DENOK ITSASORA! Pirata gutxi geratzen ziren bizirik. Hirurogei edo... Eta gehienak zaurituak. Berriro borrokarako prest egon arren, hura momentu txarra zela ulertzen zuten. Sandokan eta Yañez buru zituzten. Hauek Zauritu gabe zeuden zorionez. Lasai zeudela zirudien. Sandokanek bazekien bere pirata lanak bukatu zirela, irla galdu zuela. Zoritxar haren tartean berarekin zeukan behintzat Labuaneko Perla, Mariana alegia. Baina kezka barrundik baitzihoan. Pauso bizian erreka lehor batetara ailegatu ziren. Han zeuden mutilak eta Mariana. — Goazen Mariana. Etsaia hurbilean dugu. Aurrera tigreak, abia gaitezen. Agian oraindik borrokaren bat egin beharrean aurkituko gara. Urrutian sugarrak ikusten ziren, herria sutan jarri zuten erasotzaileek. Sandokan eta Mariana zaldi gainera igo ziren. Besterik gabe, mendebaldera jo zuten denek. Hamaiketarako kostako herrixka batetara iritsi ziren. Han zeuden hiru itsasontziak zain. — Azkar, igo gaitezen —zion Sandokanek—. Ez dezagun denborarik gal. — Atzetik erasoko gaituzte —Marianak. — Agian. Baina nire zimitarrak defendatuko zaitu. Lasai. Hondarretara zuzendu ziren. — Ez dut argi bat bera ere ikusten —esan zion Marianak—Agian honela errazago ihes egingo dugu. — Ontziratu gaitezen. Eta besterik gabe sartu ziren hiru ontzietan pirata guztiak. Sandokanek ezin zuen minari eutsi. — Nire lagun maite hori! —esan zion Marianak berari. — Ai —erantzun zion honek—. Badirudi bularra pusketan hautsi zaidala. — Zure indarra eta zure irla galduaren pena duzu, ezta? — Bai, halaxe da, bai. — Egunen batean, agian, berreskuatuko duzu eta ostera itzuliko gara. — Ez, ez, Malasiako Tigrearenak egin du. Burua makurtu eta aieneka latz bat egin zuen. Gero, ordea, berriro burua altxa eta: — Itsasora, itsasora! —oihu egin zien denei. Laino ilun haien tartean, ordea, bi argi unetxo azaldu ziren. Haiengana zetozen dudarik gabe. — Kruzeroak, kruzeroak —deihadar egin zuen ahots batek–. Erne lagunok. Sandokan ere altxa eta hara begira jarri zen: — Oraindik ere etsaiak —zioen haserre bizian—. Itsasoan ere desegin nahi gaituzte. Erne tigreak, lehoiak gure kontra datoz eta. Eskuetan armak hartu. Besterik gabe, denak armak eskuetan, borrokarako prestatu ziren. Agian, oraindik ere irla galdua berkonkistatu zezaketen. — Mariana! —esan zion Sandokanek—, sar zaitez ganbarara. — Galdu gara —erantzun zuen honek. — Oraindik ez.Guk badakigu mendekua hartzen. — Agian bi kruzero indartsu horiek dira. — Berdin da. Baita mila lagun badituzte ere, abordaiatuko ditugu. — Ez ezazu borrokarako agindurik eman Sandokan. Agian oraindik ez gaituzte ikusi eta. — Egia da hori, Mariana! —esan zuen buruzagi batek— Gure bila dabiltzala seguru da, baina ez dut uste oraindik ikusi gaituztenik. Gaua iluna da. Ez dugu farolik piztu eta horrela ezin gaitzake ikusi. Zuhur jokatu Sandokan. Beste borroka hau egin gabe pasatzen bagara, hobe. — Bai, bai! —erantzun zuen honek. — Gorde ditzagun ahal bezain ongi gure indarrak. Sandokanek emandako agindu batera, ontziak hegoaldera jo zuen. Bai baitzegoen han badia bat aski apaina, hiru ontzi babesteko. Beste biak hari jarraitu zioten. Haizea aldekoa zutenez gero, eguzkia ateratzerako iritsiko ziren. Hala uste zuten behintzat. — Aldatu al dute bidez beste horiek? —galdetu zuen Marianak urrutira begira. — Oraindik ezin dugu jakin. — Itsaso zabalean daudela uste dut, ezta Sandokan? —Marianak. — Ez Mariana, ez. Bi ontzi horiek ere bidez aldatu dute. — Guregana al datoz? — Hala uste dut. — Ezin ote dugu ihes egin? —neskak erdi negarrez. — Zer egin dezakegu guk makina horien kontra? Haizea arina da oraindik. Ezin dugu abiadura handirik hartu. Dena dela, egusentira haizea handitzen da eta orduan, bai, noski. — Sandokan! — Mariana! — Pentsamendu ilun eta tristeak dauzkat buruan. — Lasai, neska. Zure alde isuriko dugu gure odola. — Bai, hori badakit. Baina ni zure beldur naiz, ez nire beldur. — Nire beldur? Ni ez naiz inoren beldur. Tigrea garaitua dago ,baino ez dago otzandua. — Eta bala batek zaurituko bazintu. Jainko maitea, ze pentsamendu okerrak! — Gaua iluna da, guk ez dugu argirik piztu eta ez dut uste... Une berean Yañezen ahotsa entzun zen: — E, Sandokan! — Zer nahi duzu Yañez —Sandokanek. — Bi barku horiek gure bidea moztu nahiean ote dabiltzan susmoa dut. Ze lehen gorri zen argia orain berde bihurtu baita. Horrek norabidea aldatu dutela esan nahi du. — Beraz, ingelesek hemen gaudela nabaritu dute. — Hala uste dut. — Zer egin dezakegu? — Sar gaitezen itsas barnera etsaien tartetik. lkusi, ikusi. Bata bestetik urrutiratzen ari dira. Erdian harrapatu nahi gaituzte. Portugaldarra ez zen nahastu. Bi barkuek misteriozko bidealdatze bat egin zuten elkarrengandik urrutiratuaz. Batak iparrera jo zuen eta besteak hegoaldera. Ez zegoen dudarik. Itsasontzi eta kosta tartean jarri nahi zuten, badiaren batean babestu ez zitezen eta itsaso nagusian borroka zitezen. Sandokanek aserre oihu bat bota zuen: — Berriro gudua nahi al duzue? Hala nahi baduzue, hala izango duzue. — Oraindik ez —erantzun zion Yañezek—. Pasa gaitezen bien artetik itsaso nagusira. — Harrapatzen gaituztela, Yañez! Oraindik haizea arina baita. — Saia gaitezen. Zuek... itzuli oihalak lokarrietara eta jiratu mendebaldera. Artilariak bere postuetara! Une bat geroago hiru ontziak mendebalderuntz jiratu zuten. Bi kruzeroak konturatu ziren eta beraiek ere bidez aldatu zuten. Bien artean harrapatu nahi zituzten. Hala ere ez zuten maniobra hura zeharo ulertu. Sandokanek oihalak zabaltzeko agindua eman zuen abiadura handitzeko. Hogei minututan ihesari eman zioten. Bien bitartean, bi kruzeroak bere asmoak bete ezinik elkarrengana hurbildu ziren. Piraten begiak trinko zeuden haiengan. Zer egin nahi zuten asmatu ezinik. Fusilak eta armak prest zituzten. Une berean, berriro ere farolen kolorea aldatu zen. Seinalea berriro jiratu zutela. Geroxeago zera oihukatzen du Yañezek: — Aizue...! Harrapatuko gaituztela! — Alu zitalak! —Sandokanek—. Itsasoan ere eraso nahi gaituzue! Denontzat aina metraila eta bala badugu. Ingura zaitezte. Ingura zaitezte. — Galdu gara— Marianak. — Oraindik ez, maitea. Azkar. Itzul zaitez barrura. Laster izango dugu hemen kazkabarra eta. Berehala etorri zen granada eta bala kazkabarraldia. Marianak Sandokani heldu zion: — Ez nazazu utz—esan zion—. Ez zaitez nigandik urrutiratu. Beldur naiz. Baina Sandokanek bultzadatxo baten bitartez baztertu zuen: — Niregatik lasai! Utz iezadazu azken borroka egiten. Utz iezadazu azkeneko aldiz irabazten. — Sandokan! Susmo txarrak dauzkat barruan. Utz iezadazu zure ondoan egoten. Nire herritarren aurka defendatuko zaitut. — Nahiko naiz ni horiek guztiak itsasora botatzeko. Kanoiak isildu gabeari ziren. Gudariak oihuka eta zaurituak aieneka. — Aurrera mutilak, aurrera tigre ausartak! Bi aldetatik borroka bizia ari zen. Kanonero batek, portugaldarraren ontzia, altxorra zeramana, abordaiatu nahi zuen. Baina, alferrik. Honek eman zion kanoikada batek, masta nagusia pikutara bota baitzuen. Garaipena segurua zen alderdi horretatik. Ondoan zegoen, ordea, korbeta ikaragarria. Lepo hezurretaraino armatua. Gizon asko zihoazen barruan. Sandokanen beste bi ontziak eraso zituen. Eta hauek erdi puskatutak zeuden dagoeneko. Sandokanek animatu zituen ordea, bere mutilak eta kanoi baten atzean jarri zen esanaz: — Aurrera mutilak, aurrera basurdeak, eta tigreak. Garbi dezagun itsasoa. Alferrik ordea. Borroka galtzen ari baitziren. Bestea askoz handiagoa izanik, armak hobeak, jende gehiago, alferrik ziren esandako guztiak. Ezin zuten hainbesteko amorrazio hari eutsi. Laster bi ontziak zakutzar bihurtu ziren. Portugaldarra, ordea, irabazten ari zen. Ikusi zuen Sandokanek ez zegoela zer eginik. Ondoko ontzia urpera zihoala ikusiaz, inguratu eta bertako piratak berera pasarazi zituen. Gero esan zuen: — Aurrera mutilak, aborda dezagun beste hori! Etsipena hark indarberritzen zituen. Jarri zituzten kanoi guztiak eta esku kanoiak amulara begira. Eta kolpean bazter hura garbi utzi zuten. Gero bota zituzten abordaiarako garrangak. Yañezek bere aldetik pikutara bota zuen bestea polborategitik zulatuaz. — Ez beldurtu Mariana! —esaten zuen Sandokanek. Berehala etsaiaren barkura pasa zen, atzetik mutil guztiak zituela. — Kendu aurretik —oihukatu zuen bere zimitarra eskuetan zuela—. Tigrea naiz. Marinelen aurka jo zuten kolpea. Hauek denak popa aldera atzeratu ziren. Baina branka aldetik beste gudari pila bat atera zen, buruzagi bat aurrean zutela. Buruzagi hura ezaguna zen Sandokanentzat. — A! Zu al zara baronet? —galdegin zion maltzurki. — Non dago Mariana —galdegin zion honek. — Non dagoen? Hire ipurtzuloan! Eta sekulako zimitarrakada eman zion. Lurrean zegoela kriss bat gurutzatu zion eztarritik barna. Une hartan ordea, bera ere lurrera erori zen buruan zaurituta. GATIBU Buruko kolpe latz haren zorabioak aldegin zionean, bere onera itzuli zen Sandokan. Gatibu zegoen. Begira gero gatibu Malasiako Tigrea. — Ni gatibu —esan zuen berekiko amorrazioz beteta—. Zer gertatu zait ordea? Ingelesak menderatu gaituzte? Eta non ote dago Mariana? Bizi ote da? Bihotzak korapilo egin zion saihets hezur tartean. — Mariana -oihu egin zuen egonezinik—. Nire maite hori, non zaude? Yañez? Juioko? Tigre guztiak? Non zaudete? Inork ez du erantzuten. Denak hil ote dira? Ezin daiteke. Edo ni ametsetan nago? Eta barrua beldur batean jarri zitzaion. Beldur eta izuz betea. — Hilak! Denak hilak! Ni bakarrik gelditu naiz bizirik! Mariana! Yañez, nire lagun maite maitea! Juioko! Zu ere hil zara, zu ere bai! Berehala ordea, oihu batzuek entzun zituen. — Bizi al da oraindik Malasiako Tigrea? Sandokanek ingurura begiratu zuen. Zintzilik zegoen esku-argi baten argia besterik ez zen ikusten. Baina asko zen hura han bazterrean beste pertsona baten itzala nabaritzeko. Aurren aurrena ez zuen kupela eta barrika besterik ikusi. Gero, bai, ikusi ahal izan zuen erdi etzanda zegoen norbait. — Nor ari da Malasiako Tigreaz hizketan? Sandokanek ezagutu zuen ahots hura. Eta begi biak pozik piztu zitzaizkion. — Nire taldeko norbait ote dago, bada, hemen? —esan zuen—. Agian Juioko? Juioko...! —oihu bizi egin zuen. — Kapitain jauna —erantzun zuen beste muturretik. Gero, Sandokanen oinetara erori eta esan zion: — Hil zinela uste nuen eta... Hirugarren itsasontziaren kapitaina zen hura. Ospe handiko marinel trebea. Gizon altu eta ondo egina, begi handi-handi eta argiak. Borneotarra. Bere zenbait herritarren gisa, beso biak besokoz inguratuak zeuzkan. Ausarta izan arren, ezin izan zuen Sandokan ikustean negarra disimulatu. — Bizirik! Oraindik bizirik! Zer zoriona! Gutxienez txarrena ez zaizu gertatu. Hainbeste okerren tartean ez da zorte txarra. — Zer gertatu zaigu? Zer? —galdetu zion Sandokanek—. Denak hil al dira bada? — Denak, bai, denak —erantzun zuen honek zotinka. — Eta Mariana? Ontziarekin batera urazpira joan ote bada? Esan iezadazu Juioko! — Bizi da, bai. Bizi da. — Bai ote? —Sandokanek—. Ez da posible. Ziur al zaude hori egia dela? — Bai, nire kapitaina, bai. Zu gatibu zeunden. Baina ni eta beste lau borrokan ari ginen oraindik ontzi gainean. Mariana, neska ilegorria ekarri zutenean. — Nork zekarren? — Ingelesek zekarten gizona. Zirudienez, behe ganbara urez bete zen. Bera orduan barku gainera igo zen eta han harrapatu zuten. Hala jokatu ez bazuen, barku eta guzti urpean galduko zen. Bizi da orduan? — Bai, bizi da. Eta zure galdera egiten zuen . Oihu biziz. Eta nik ezin lagundu. — Guk lagundu bai izan genion. Baina lau besterik ez baikinen. Berrogeita hamar gizonek inguratu gintuzten. Gu bera libratzera zuzendu ginen. Ni ordea, hankapean zapaldu eta gatibu hartu ninduten. Eta Mariana, barku honetan al dago? — Bai, Malasiako Tigrea, hemen dago. — Ez ote dute beste barkuren batera pasa? Kanoinerora edo–. Kanoineroa? Zera... Dagoeneko urazpian dabil igeri —esan zion Juiokok. — Zer esan nahi duzu? — Pikutara bota zuela. — Nork, Yañezek? — Bai, kapitain jauna. — Orduan, Yañez ere bizi da? — Hala uste dut. Honantza nindekartela ikusi nuen oihalak zabalik ihes bizian urrutiratzen. Borrokan ari zela kanoinero hori kurpilak hautsita utzi zuen. Gero su eman zion. Polboralekua lehertu ziola uste dut.— Eta gureak? Ez al du inork ihesirik egin? — Inork ez —erantzun zuen Juiokok hasperena eginez. — Denak hilak —esan zuen honek minari eutsi ezinik—. Ikusi al zenuen nire soldadu onena zen Singal hiltzen? — Bai, nire ondoan erori zen bularra odolez beteta. Ausarta izan arren, Sandokanek ezin zuen eraman hainbesteko mina. Burua makurtuta bere zoritxarretan murgildu zen. Lagunak hilak, irla galdua, emaztea berdin. Baina hain ausarta zen gizon bat, ezin zitekeen luzaroan horrela egon. Altxa zen bat-batean eta Juiokori begira jarri zen. Zera galdetu zion: — Gure atzetik ote dabil Yañez? Zer iruditzen zaizu? — Nik hala uste dut. Hark ez gaitu gu zoritxar honetan bakarrik utziko. — Hala espero dut nik ere —erantzun zion Sandokanek—. Beste edozeinek ihes egingo zuen daramatzan altxor ikaragarriekin. Baina berak ez, ez da gauza hori egiteko. Gehiegi maite nau. — Eta zer esan nahi duzu horrekin? — Ihes egin behar dugula, hori esan nahi dut! Lagunak harrituta begiratzen zion. Erotu ote zen edo bere buruari galdezka. — Alde egin? Nola ordea? Ez dugu armarik ere. Horretaz gainera, katepean gaudelarik, nola? — Badut era bitxi bat gu uretara botatzeko! — Ez zaitut ulertzen! Nola botako gaituzte uretara? — Norbait hiltzen denean, zer egiten da berarekin? — Ohe batean lotu, kanoi beruna erantsi eta uretara bota. — Bada, gurekin ere gauza berbera egingo dute —esan zuen Sandokanek. — Zer nahi duzu? Gure buruaz beste egin dezagun? — Bai, suizidatu, baina gero ostera bizitzera itzultzeko baldintzarekin. — Bai gauza bitxia zuk diozuna! Egin al daiteke hori? — Ez al duzu aski nik esatea? — Bai, hala da, aski dut zuk esatea, sinistu beharrean aurkitzen naiz. — Yañez lagunarengan geldituko da orduan etorkizuna. — Dagoeneko urruti egongo da bera. — Baina itsasontzi honen atzetik dabilela ziur dakit. Goizago edo beranduago jasoko gaitu. — Eta gero? — Gero Mompracem edo Labuan aldera itzuliko gara Mariana askatzera. — Amets egiten ari zara! — Nik amets? Txantxetan ari naizela uste al duzu? Ez baitugu gerrian kriss kamuts bat ere. — Ez dugu ez kriss ez ezeren beharrik izango. — Gainera katepean gaude eta. — Katepean —oihu egin zuen Malasiako Tigreak—. Preso baten burdinak espartzua bezala puska ditzaket. Nahi dudanean! Ikusi! Bihurtu zituen kateak eta izugarrizko tiraldi bat emanaz, kateak txikitu eta urrutira bota zituen. — Aske dago Tigrea! —oihukatu zuen. Une berean sabaizulokoatea ireki zen eta eskailera soinua entzun zen. — Hor daude zerriok! —oihukatu zuen daiakoak. — Denak popatik hartzera bidaliko ditut —esan zuen erdi isilik Sandokanek. Hartu zuen lurrean zegoen manibela hautsi bat eta prestatu zuen berak zekien bezalako danbateko latz eta hilkor bat emateko. Baina bere lagunak, daiakoak gerarazi zuen eta esan: — Kapitain jauna, zer nahi duzu, hil ala zer? Ez al duzu pentsatzen hor ontzi gainean beste berrehun gizon armatu daudela? — Bai, bai, erotzen hasi naiz ni —erantzun zion honek—. Ezin dut etsi eta hori da guztia. Tigrea garaitua dago. Hiru gizon inguratu zitzaizkien. Batak korbetaren tenientea zirudien eta beste biek marinel soilak. Buruzagiaren esate batetara, baionetak armatu eta fusilak bi piraten aurka apuntatu zituzten. Tigrearen aurpegian ez zen izurik azaldu. Irribarre maltzurra baizik. — Beldur al zara, teniente jauna? —galdegin zion Sandokanek—. Edota zure arma dotoreak azaltzera etorri zara guregana? Jakin behar zenuke ez naizela fusil horien eta inoren beldur. — Badakit bai, Malasiako Tigreak ez dela inoren beldur. Badaezpada ere egin dut. — Ez armatua egonik ere? — Baina ikusten dudanez ez zaude katepetua. — Ez zaizkit asko gustatzen kate horiek, hori da dena. — Indar bikaina duzu, arraioa.— Utz ditzagun zorakeriak. Ea, zertara etorri zaren. — Sendatu beharrik bazenu ere bidali naute. — Ez nago zauritua —erantzun zion Sandokanek. — Baina borrakada gogor bat hartu baituzu buru hezurrean. — Ez hainbestekoa. Txapelak defendatu ninduen. — Hau gizona! —erantzun zuen tenienteak harrituta. — Bukatu al duzu? — Oraindik ez, Malasiako Tigrea. — Ikus dezagun, zer gehiago nahi duzu? — Andereño batek bidali nau. — Marianak? — Bai , andereño Guillon deritzaion Mariana. — Bizi al da oraindik? —galdegin zion Sandokanek urduri, bere gorputz guztia odol bizitan jartzen zen bitartean. — Bai, bizi da eta ondo dago. Neuk salbatu nuen zure ontzia urpera zihoan une berean. — Arren eskatzen dizut, teniente jauna. Hitz egin iezadazu berataz. — Jakin behar zenuke dama hori galdutzat jo dezakezula. Nondik norainoko itxaropena eduki dezakezu orain? — Hala da bai —erantzun zuen Sandokanek intzirika—. Hiltzera kondenatuta nagoen bat besterik ez naiz. Tenienteak, ordea, ez zion erantzun. Ondo asko zekien kondenaren berri. — Esan iezadazu egia osoa —otoi egin zion Sandokanek—. Egia al da hiltzera kondenatuta nagoela? — Ez zaude nahastuta, Sandokan: urkatu egingo zaituzte. Nahiago nuke nire mutilekin batera hil banintzen. — Fusilatuta? — Bai. — Bada nik —erantzun zion tenienteak—. Zure bizia salbatzeko botoa eman nuen. Ez da gaur egun zu bezalako gizon ausarta eta treberik ikusten. Gure gudarostean aginte nagusi bat emango nizuke gainera. — Eskerrik asko, zure asmoak oso onak dira. Baina ez naute hiltzetik salbatuko. — Hala da bai. Nire herritarrak ikaragarria zarela esaten dute. Baina ez daude lasai zu bizirik zauden bitartean. Une batean isiltasun ikaragarri bat egin zen inguruan. Gero Sandokanek zera galdetu zion: — Nire buruaz beste egin nahiko banu, auka jarriko al zinateke? — Ez —erantzun zion tenienteak—. Zu bezalako gizon bati ezin diot honelako mesede bat ukatu. — Orduan kontsidera ezazu hil naizela. — Nola ordea, nik ezin dizut horretarako biderik eman. — Ez dut zure laguntzaren beharrik. Neuk badut zerekin hil. — Pozoiren bat ala? — Pozoia bai! Fulminantea! Baina beste mundura joan aurretik mesede bat eskatu nahi nizuke. — Hiltzera doan bati, ezin zaio inongo mesederik ukatu. — Pozik ikusiko nuke azkeneko aldiz Mariana. Teniente jauna mutu geratu zen. — Arren eskatzen dizut! —Sandokanek. — Biak banatuta edukitzeko agindu zorrotza daukat. Gainera, hobe da zuen biontzat halako une larri batean ez elkar ikustea. Sufrimendu berria besterik ez litzateke izango. — Ez nuen uste hain gogorra zinenik. Nik marinel ausarta eta gizatasunez betea zinela uste nuen. Teniente jauna zalantzan geratu zen. — Zin egiten dut. Agindu horiek hartu nituen. Sinistu iezadazu. — Barkatu, barkatu —esan zion Sandokanek... Eta tenienteak: — Zarena zarela ere, nik ez dizut zuri inongo gorrotorik. Hori egia dela baieztatzeko, aginduak agindu, ekarriko dut, bada, hona zure Mariana hori. Okerrago izango da zuentzat baina... — Ez diot hiltzera noanik esango. — Zer esan behar diozu orduan? — Zenbait bazterretan altxor tesoroak gordeta dauzkat. Zenbait lekuetan barreiatuak. Haien berri eman nahi diot berak jaso ditzan. — Beretzat? — Bai, berak egin dezala nahi duena. Noiz ikusiko dut, teniente jauna? — Gaua iritsi baino lehen. — Mila esker, jauna. — Baina zin egizu, ez diozula suizidatu behar duzunik esango. — Zin egiten dut. Nire hitza emana dago. Gogorra da halere, zoriontsu sentitzen nintzen une berean hil beharra. Hobe izango nuen barku eta guzti pikutara joan banintz. Nire maitearen besotan jaitsiko nintzen urpera, behintzat. — Eta nora zindoazen zu gure barkuak asaldatu zintuztenean? Urrutira. Ez dakit nora. Agian Indiara. Berdin da, orain ez du erremediorik. — Agur, Malasiako Tigrea —esan zuen tenienteak. — Zure agindua bete zain egongo naiz. — Ordu batzuen buruan hemen izango da Mariana. Tenienteak bi soldaduak deitu zituen, zeintzuk askatu baitzuten Juioko bere katetatik eta ostera ontzi gainera igo ziren. Sandokan begira zeukan, besoak gurutzatu eta halako irribarre ulertezin batekin. — Berri onak ekarri al dizkizu? —galdegin zion Juiokok. — Gaur gauean libre izango gara! —erantzun zion Sandokanek. — Eta ihesa posible ez balitz? — Orduan, ontzi honen saihetsak ireki eta denak urpean itoko gara. UTZI PAKEAN Tenienteak aldegin eta Sandokan eskaileran eseri zen, burua eskuarten zuelarik.Haren barruko mina. Negarrez baleki, hamaika egingo zukeen! Juioko ondoan zegoen, zer esan ez zekiela. Ordu laurden bat edo hogei bat minutu igaro zireneko goiko eskotila ireki zen ostera.Kanpoko argi izpia sartzen hasi zen. Altxa zen Sandokan eta begiratu zuen. Goitik behera neskatila bat zetorren mantso-mantso. Zurbil, malkotan eta triste. Teniente jaunak laguntzen zion, zeinak eskua pistolaren gatiluan baitzeraman. Sandokanek Marianari eskua estutu zion maitekiro. — Maite, maite, maitea! —esanaz izkina ertz batera eraman zuen. Azkenean ikusten zaitut. Zu zara nirea! — Sandokan! Sandokan! —xuxurlatu zuen honek— Ez nuen uste ostera ikusiko zintudanik. — Gora, Mariana, animo! Ez negarrik egin. Ez nazazu goibeldu. — Bihotza urratuta daukat. Ez dut zu hiltzerik, ez dut nahi zu uzterik. Nik guztien kontra eta guztien gainetik defendatu zaitut. Nik askatuko zaitut. Nire izatea nahi dut. — Zurea, zurea! —erantzun zion Sandokanek intzirika—. Zure izan, noiz ordea? — Zergatik esaten duzu: noiz ordea? — Ez al dakizu Labuan aldera naramatela hiltzera, urkatzera? — Nik salbatuko zaitut. — Egin dezakegu hori bai, nire esana betetzen baduzu! — Zer? Asmo eta proiektu batzuk al dituzu ala? —galdegin zion honek pozturik. — Bai, proiektu batzuk ditut. Jainkoak lagun, onik aterako gara. Tenienteari begiratu zion badaezpada ere. Eta ahal zuen urrutiena eraman zuen Mariana …. — Ihes egitera noa! Entzun duzun bezala, egitera! Baina, oraingoz ezin zaitezke zu nirekin etorri. — Zergatik ez Sandokan? Ez ote naiz gauza zu zoazen lekuetara ni ere joateko? — Ezinezkoa da, Mariana, ezinezkoa. Nire diru eta ondasun guztiak emango nituzke. Baina ezin da. A... hori bai! Ihes egiten lagundu behar didazu. Eta nire hitza duzu: ez zarela herritarren artean luzaroan egongo. Besterik ez bada ere, munduko gudari mutil talderik bikainena eta indartsuena organizatuko dut zu libratzeko. Marianak esku tartean ezkutatu zuen bere aurpegi ederra eta malko lodiak isuri zituen. — Hemen egon behar eta zugandik urruti! esan zuen negarti. — Maite hori -esan zion Sandokanek—. Entzun iezaidazu. Bular ondotik kutxatxo bat atera zuen orduan Sandokanek, eta usain gatzatua botatzen zuten pilula batzuek erakutsi zizkion. — Ikusten al dituzu pildora hauek? Pozoiaz eginak dira. Pozoi gogorra da baina ez du hiltzen. Sei orduz edozein gizasemeren bizitza gerarazi dezake. Heriotzaren antza osoa duen geratze bat da. Amets bat bezala. — Zer esan nahi duzu horrekin? — Juioko eta biok pilula bana hartuko dugu. Hiltzat joko gaituzte. Itsasora botako gaituzte. Gero itsasoan libre geratuko gara. — Baina ez al zarete itoko? — Ez, ez. Horretarako zaude zu. Horretarako behar zaitugu orain. — Zer egin behar dut? Zer? Esan iezadazu. Prest nago edozer gauza egiteko zu libre ikustekotan behintzat. — Orain seiak dira —esan zion piratak bere erlojuari begira—. Hemendik ordu batetara nire lagunak eta biok pildora bana hartuko dugu. Izugarrizko oihu bat botako dugu entzun dezazun. Zuk apuntatu ordu juxtu juxtua. Gero konta itzazu sei ordu eta bi segundo. Ordu hori bete aurretik agindu ezazu gu itsasora botatzeko. Saia zaitez amakarik gabe eta pisurik gabe bota gaitzaten. Ahal baduzu bota iezaiguzu flotadore bat ere. Besterik ez bada ere, sartu arropa tartean armaren bat edo... — Bai, Sandokan. Dena entzun dizut eta buruan daukat. Baina esan iezadazu: nora joango zarete gero itsasotik? — Yañez gure atzetik dabil, ziur nago. Berak jasoko gaitu. Gero, jende pila inguratuko eta Labuan asaldatuko dut, su eta labain. Nik libratuko zaitut. — Zoaz, Mariana, zoaz azkar —esan zion Sandokanek—. Bestela biok negarrez bukatuko dugu eta. Sandokan! Sandokan! Piratak bi eskuen tartean gorde zuen aurpegia — Sandokan! Sandokan! —zion oihuka Marianak. Une berean tenientea inguratu zen. Hartu zuen Mariana eta igo ziren gora. — Madarikatuak, ez beste madarikatuak! Sandokanek oihu biziz. Geroxeago ordea, eskotila itxi zen ostera. Han egon zen Sandokan, makur-makur, minez. Juiokok, gero esaten dio: — Anima zaitez nire jaun hori. Ez dezagun itxaropena gal. Eta Sandokanek: — Ihes egin dezagun Juioko, ihes egin dezagun. — Bai, egin dezagun ihes —erantzun zion besteak ere. Atera zuen Sandokanek poltsikotik pildora kaxa. Bat daiako lagunari eskaini zion. — Nik agintzen dizudanean traga ezazu. — Bai, ondo dago. Zuk esan noiz. Jarri zuen aurrean erlojua. — Zazpiak bi minutu gutxi dira —esan zuen Sandokanek—. Hemendik sei ordutara bizirik eta libre esnatuko gara itsasoan. Begiak itxi eta pildora irentsi zuen Juiokorekin batera. Bi lagunak okertu, eta hots minen tartean, ikaragarrizko oihu biziak emanaz lurrera jauzi ziren hilda bezala. Ontzien motor eta itsasoko olatuen zarata handia izan arren, buila ikaragarri haiek ondo baino hobeto entzun ziren ontzi gainean. Mariana, urduri, zain zegoen. Jaitsi zen behera tenientea eta besteen artean medikua ere. Iritsi zireneko bi hildakoekin topatu ziren. — Hil dira —esan zuen tenienteak—. Beldur nintzen. Sendagileak aztertu zituen. Gauza garbia zen. Ezin zen ezer ere egin. Hilda zeuden. Marinelek jaso zituzten. Bitartean tenientea Marianarengana joan zen berria ematera. Eta esan zion: — Andereño. Berri txar bat eman behar dizut! — Badakit zer esatera zoazen! —erantzun zion honek—. Hil direla, ezta? — Halaxe da, andereño. Negarrez lehertzen zegoen bitartean, zera otoi egin zion tenienteari: — Bizirik zeudenean zureak ziren. Orain hil direnean, nireak dira. — Egin dezakezu nahi duzuna beraiekin. Baduzu nire baimena. Baina aholku bat eman nahi nizuke. — Ze aholku? — Bota itzazu itsasora Labuan aldera iritsi baino lehen. Bestela, hilda egon arren, bertako gobernariak, zintzilik jartzeko aginduko du eta. — Onartzen dut zure aholkua. Arren orain ekar itzazu bi hildakoak hona, popa aldera. Tenienteak marinelei betetzeko agindua esan zien. Berehala jarri zituzten bi ohol zabaletan eta dena prest zegoen hildako biak itsasora botatzeko. Mariana Sandokanen aurrean belauniko egon zen ordutan. Sandokanen aurpegia zurbil eta okertuta zegoen, pozoiaren eraginez. Baina betiko indar eta beldurgarritasuna mantentzen zuen oraindik ere. Gauerdira arte mantso pasa ziren orduak. Marianak bi laban atera zituen bere golkotik eta pirata bakoitzari berea jarri zion arropa tartean. — Horien beharra ere izango duzue agian oraindik —esan zuen. Orduak aurrera eta aurrera. Ordu bata hogei gutxi ziren. Jaiki zen txuri-txuri. Amula aldera joan, bi igeri gailu askatu eta itsasora bota zituen. Gero tenientearengana joan eta agindu zion: — Jauna, bete bedi Sandokanen azkeneko desira. Tenienteak aginduta lau marinel inguratu ziren. Hartu zituzten bi oholak eskuetan eta prestatu ziren itsasora botatzeko. — Itxaron —esan zien Marianak—. Eta Sandokanen esku zurbila milizkatu zuen. Konturatu zen, berriro ere bizitza zetorkiola, dar-dar arin bat bezala. Jo zuen pauso bat atzera eta agindu: — Bota nahi duzuenean. Berehala bi piratak uretara bota eta urpetan ezkutatu ziren. Itsasontziak aurrera jarraitu zuen, aurrera eta aurrera, Mariana barruan zelarik. BERRIZ ASKE Sandokanek ongi adierazi zuen bezala, sei ordu iraun zuen pilulen sasi heriotza hark. Hain zuzen, itsaspera sartu zireneko, ostera bizi berrira itzuli ziren. Indarrean eta sasoian, okerrik izan gabe. Urazpiratu zireneko ekin zioten igeri azkarrari eta urgainera atera ziren. Ingurura begiratu zuten. Han zihoan, ez urruti, preso egon ziren barkua, Mariana eta guzti. Ziztu bizian aurrera eta aurrera. Han tinkatu zituen Sandokanek bi begiak. Han baitzihoan bere bihotzeko Mariana. Etorkizun iluna handik nabaritu zitekeena. Halako itsas zabalean, Malasia inguruan zeuden, uharte bat edota beste itsasontzi lagun gabe inguruan. Olatuak nonahitik, olatu apartsuak. Beraz, komeni zen indarrak gordetzea. Alferrik baitzen korronte haren kontra borrokan hastea. Bata bestearen ondoan, badaezpada ere. Kilometro bat edo egin zuten horrela. Halako batean, Juiokok zerbait ukitu zuen. — Marrazo bat, marrazo bat! —oihu bizi bota zuen. — Non? Non? — Ez, ez, ez da marrazo —erantzun zion Juiokok—. Igerigailu bat da, igerigailu bat, igerigailu bat. Agian Marianak guretzat bota duena. — Bila dezagun ,bada, azkar. Saiatu ziren aurkitzen. Berehala aurkitu zuten. Marianak botatako igerigailu bat zen. — Hau da poza hau! —esan zuen Juiokok—. Ez nuen halakorik espero. Nora goaz orain? — Gu eramaten gintuen ontzia, ipar mendebaldetik zetorren. Beraz, bide horretatik Yañez aurkituko dugula uste dut. — Bai ote? —Juiokok.— Hala espero dut —erantzun zion Sandokanek. — Eta marrazoak erasotzen bagaituzte, zer? — Zer egingo dugu bada? Gu ere urazpira sartuko gara eta borroka egin beharko dugu. — Eta Yañez delako hori ez da inondik ageri! — Oraindik urruti egongo da, beharbada. — Aurkituko dugu ez? Zer iruditzen zaizu? — Zer nahi duzu nik esatea? Nik uste dut baietz. Barruak baietz agintzen dit. — Erne kapitaina, erne —esan zuen une berean daiakoak—. Marrazo bat dabilkigu gure tartean. — Bai —erantzun zion Sandokanek—. Ni ere konturatu naiz! Prestatu ezazu labana. — Erasoko ote gaitu? — Uste dut baietz, Juioko. Barkuaren atzetik etorriko zen zerri hori! — Beldur naiz, kapitaina —kexatu zen Juioko. — Lasai! Lasai! Oraindik bizi gara eta. — Agian azpitik erasoko gaitu. — Konturatuko gara, bai, inguratzen zaigunean. — Eta igerigailuak, zer? — Gure aurrean daude. Bi besakadatan harrapatuko ditugu. — Ez naiz mugitzera ere ausartzen! Juioko beldurrez lehertzen zegoen. Ezin bait zuen gizagajoak mugimendu jator bat ere egin. — Juioko —oihu egin zion Sandokanek—.Ez ezazu bururik galdu. Hankak salbatu nahi badituzu, heldu iezaiozu zure igerigailuari eta prestatu labana. Berrogeita hamar besakada eman zituztenerako, pizti haietako baten burua ikusi zuten. Marrazoak berak ere maltzurki begiratu zien bi igerilariei eta halako suspirio zakar bat bota zuen. Geldirik jarri zen une batean olatuen gain kulunkatuz. Gero hegatzak mugituaz aurrera jo zuen zapartaka. — Kapitain jauna! —larri Juiokok. Sandokan ordea, aspertuta zegoen animaliaren zain. Hartu zuen hortzetan labana, askatu zuen igerigailua eta animaliarengana zuzendu zen. — Zuk ere odola nahi al duzu? —esan zion oihuka—. Ea bada, nork isurtzen duen gehiago. — Utz iezaiozu bakean —oihu egin zion Juiotkok. — Utz iezadazu akabatzen -erantzun zion honek—. Ale marrazo letxe hori. Eraso nazak! Munstroak ere entzun zituen Sandokanen oihuak. Geratu eta une batean begira jarri zitzaion. Hurrena urazpira sartu zen zalapartaka. — Azpitik joko gaituela, azpitik! —zioen daiakoak beldurrez hil zorian. Baina ez zen halakorik gertatu. Atzera urgainera igo zen. Ez zuen borrokarako gogorik. Eta aurrera ekin zuen olatu apartsuen tartean. Egia esan, Sandokan poztu egin zen. Are eta gehiago Juioko. Ez zuen borrokarik nahi. Beraz, joan zedila bake santuan. Bi igerilariek berriro igerigailuak hartu eta ipar-mendebaldera jo zuten. Baina arriskuak ez baitzuen aldegin. Marrazo hura, jolasean zebilen. Noizbehinka atzera begiratu eta itzultzen zen. Berrogeita hamar metrotara mantentzen zen. Erasoa botatzeko une onenaren zain zegoen, itxuraz. Eta hara, non abiatzen den bipilki haiengana, sekulako buztankadak joaz. Bi gizonei inguraketak egiten hasi zen gero. Nahiz urazpitik, nahiz ur gainetik, gero eta borobil estuagoak eta inguratuagoak. — Kontu, kapitain jauna —garraisi egin zuen Juikok. — Prest nago —erantzun zion Sandokanek—joan al zaizu beldurra? — Zeharo ez, baina orain hobeto nago. — Ez askatu igerigailua hori nik esan arte. Esku bat salbabidetan eta bestearekin igerian, atzera jo zuten bi piratek. Beti ere marrazoa zainduz. Honek kristoren olatuak jasotzen zituen, bitartean bere hortz eta hagin zorrotzak erakusten zituela. Bat-batean izugarrizko jauzi bat eman, ur gainean zeharo atera eta Sandokanen kontra erori zen. Sandokanek ordea, igerigailua askatu eta urpera jo zuen biziki. Juioko ere ausarta bihurturik animaliaren aurka zuzendu zen laban eta guzti. Animaliak ordea, ez zion Juiokoren erasoari jaramonik egin. Bestea ur azpian sartu zenean, berak ere urazpira jo zuen buztankada gogor baten bitartez. Sandokan ordea, ez zegoen lotan. Zain baizik. Ondoan ikusi bezain azkar, heldu zion hegatz batetik eta sabel-sabelean sastakatu zuen labanarekin. Arrain bedeinkatu hark aldegin nahi izan zuen eta gora jo zuen. Hiltzear zaurituta ordea, agian. Juiokoren ondoan atera zen. Hura han ikustean, ordea, aldegin nahi izan zuen. Bere lepagazta itzuli zuen. Une berean, ordea, berriro ere Sandokanek labana sartu zion. Oraingo honetan buruhezur erdi erdian. Daiakoak ere sartu zion berea behin eta berriro, zera esanaz: — Munstro alen hori, hoa infernura behin betirako. Eta, hala, munstro ikaragarri hura urpera joan zen hilda, itsas gain guztia odolez estaltzen zen bitartean. — Ez dut uste—esan zuen Sandokanek—berriro molestatuko gaituenik. Zer diozu, Juioko? Honek, ordea, ez zion erantzun. Igerigailuari heldu eta urrutira begira zegoen. Zerbaiten bila, akaso. — Zeren bila zabiltza? —galdetu zion Sandokanek. — Begira han urrutira, Sandokan. Begira han urrutira —garraisi egin zuen Juiokok—. Oker ez banago, han konkor edo hala moduzko tzar bat begiztatzen dut. Han ipar mende aldean! Belaontziren bat, agian. — Yañez ote dugu bada? —galdegin zuen Sandokanek, emozioz beteta. — Ilunpe honetan ezin da gauza garbirik ikusi. Baina barruak dar-dar egiten dit. Bihotza taupada bizian daukat. — Zure bizkarretara igoko naiz! Inguratu zitzaion daiakoa Sandokani. Honek heldu zion bizkarretatik eta altxa zuen ahal haina bere gorputza. — Zer ikusten duzu kapitaina? — Ontzi bat da, gureen antzekoa. Ai bera balitz! — Lagunak edo etsaiak izan, ea jasotzen gaituzten! Orduan Juiokok ahal zuen bezain sendo, oihu bizian zera bota zuen: -- Eeeee! Uuuuuntziiiii! Laaaagundu...! Une bat geroago tiro bat entzun zen eta ahots trinko bat: — Nor ari da deika? — Urikalduak! Urikalduak! — Egon pixka bat. Berehala hiru barkuk, hirurak batera, biratu zuten haizearen indarrari esker. — Non zaudete? —galdetu zuen ahots berberak. — Ingura zaitezte gehiago —ahots indarrez Sandokanek. Isilune latz bat egin zen. Eta gero: — Deabru guztiak eraman nazatela! Nahasten ez banaiz bera da, bera da! Eta Sandokanek segidan: — Yañez, Yañez! Ni naiz, ni naaaaaiz, Malasiako Tigreaaaa! Hiru barkuetatik oihu berbera entzun zen: — Gora gure kapitaina. Gora Tigrea! Inguratu zen ontzi bat. Bota zuen soka eta biak tximuak baino bizkorrago gora igo ziren. Igo bezain azkar, bi beso indartsuk besarkatu zuten ia itotzeraino Sandokan! — Anaiatxo, anaiatxo, ez nuen uste berriro bizirik aurkituko zintudanik! Hau poza! Sandokanek antzeko besarkada itzuli zion Yañezi. Eta denak zera zioten oihu biziaz: — Gora Tigrea, gora! — Zatoz nire ganbarara —esan zion Yañezek—. Gauza asko esan behar didazu. Zure berri guztiak jakin nahi ditut. Sandokanek jarraitu zion. Eta bi lagunak behera jaitsi ziren. Bitartean hiru barkuak, oihal guztiak haizeari zabalik aurrera eta aurrera ekin zioten. — Esan iezadazu, arren, Sandokan. Nola zuek hemen uretan? Nik bizirik edo hilda, ez nenkien nola, baina kruzero hartan zeundetela uste nuen eta... Ihes egin nuenetik bere atzetik nabilkizu. — Beraz, zuek atzetik zineten, eee? Pentsatu nuen bai. — Zer bada...! Hiru ontzi eta ehun eta hogei lagun dauzkat une honetan. Ez al zen bidezko jarraitzea? — Baina non bildu duzu hainbeste jende? — Ba al dakizu nortzuk diren beste bi ontzien buruak? — Nola nahi duzu bada jakitea? — Paranoa eta Maratua. — Beraz, Labuan inguruan izan genuen ekaitz hark, ez al zituen urpera bidali? — Noski ezetz. Bestela ez lirateke hemen egongo. Maratua, Pulo Gaya deritzaion irlaraino joan zen haizeak bultzaka. Paranoa, berriz, Ambog deritzaion badian babestu zen. Han egon ziren ontzi puzkatuak berriz ere konpondu arte. Gero Labuan aldera etorri ziren. Han elkartu ziren. Gu han ez ginela eta, Mompracem aldera zuzendu ziren. Han topatu nituen , nik bart gauean. Indiara abiatzekotan ziren, gu ere han ote ginen pentsatuaz. — Beraz, Mompracem uhartean lurrartu al zenuen atzo? Nola dago irla hura? Han al daude ingelesak? — Ez, Sandokan, ez. Herriari su eman, azkeneko gotorlekuari su eman eta alde egin zuten. Une bat geroago hiru itsasontziak Hiru Irla aldera jo zuten.
AURKIBIDEA HITZAURREA DENBORAREN ISPILUAN Neandertalak, gugandik ez hain desberdinak …eta neandertalek sua piztu zuten Homo sapiens gizakia bere bakardadean Lehen hiztunaren bila GORPUTZAREN ETA ADIMENAREN ISPILUAN Zerk egiten gaitu pertsona? Filosofatzen: zenbat buru, hainbat aburu Gorputza ere bagara 45 garun eta bihotz baten arrastoa Minaren minez Plazeraren bila Sinestesia: berezko errealitate areagotua SEXUAREN ISPILUAN Sexua, zertarako? Gu eta gure sexua Bi sexuen sailkapenaz harago KANPOKO ISPILUAN Mapak: mundua, norberaren arabera Gehiegi eta eraginkorregiak gara? Mundua gu gabe Estralurtarren eboluzioa HITZAURREA Ispiluaren proba 1970eko hamarkadan diseinatu zen. Animalia batek bere buruaren kontzientzia ote zuen jakiteko, arrasto bat margotzen zitzaion gorputzean. Ispiluaren aurrean jarritakoan margotutako lekua ezagutuko balu bezala erreakzionatzen bazuen, kontzientzia zuela ondorioztatzen zuten ikertzaileek. Gerora, zientziak zalantzan jarri du probaren balioa; edonola ere, gaitasun hori erakutsi dutenen artean daude txinpantzeak, gorilak, elefanteak, zetazeo batzuk eta beleak, baita gizakiak ere, adin batetik aurrera. Gure espezieak, gainera, badu besteek ez duten ahalmen bat: era askotako ispiluak egin ditzake. Nolako ispilua, halako isla. Nolakoak gara biologiaren ispiluan? Edo sexuarenean? Zer diote gutaz arkeologiak, fisiologiak, eboluzioak? Nor gara, zientziaren ikuspegitik? Elhuyar aldizkarian, artikulu dezente argitaratu dira azken urteotan, galdera horiei erantzunez. Hemen, haien hautaketa bat dago, baina askoz gehiago aurki ditzake irakurleak Elhuyar aldizkariaren orrietan eta webgunean, zientzia eta teknologiari buruzko bestelako artikulu, analisi, albiste, elkarrizketa eta eduki askorekin batera. Hain zuzen, helburu honekin sortu zen Elhuyar aldizkaria: zientzian eta teknologian gertatzen denaz informatzea, euskaraz, gizartean kultura zientifikoa bultzatzeko eta demokrazian sakontzen laguntzeko. Horretarako, jakin-mina piztea izan daiteke lehen pausoa; asmo horixe du bilduma honek. DENBORAREN ISPILUAN (Argazkia: Johannes Krause/Kaprinako Neandertalen Museoa) Neandertalak, gugandik ez hain desberdinak Zientzia-aldizkari eta aditu askorentzat, neandertalen genomaren deskodetzea izan zen iazko albiste garrantzitsuenetako bat. Horrez gain, ikerketa gehiago plazaratu dira azkenaldian, eta guztiek neandertalak hobeto ezagutzea ekarri dute. Horren ondorioz, haien gaineko ikuspegia aldatu egin da: uste zuten baino aurreratuagoak, garatuagoak eta sofistikatuagoak zirela frogatzen ari dira ikertzaileak. Science aldizkariak 2010eko maiatzean argitaratu zuen neandertalaren genomaren analisia, artikulu-sorta gehigarri batekin batera. Max Planck Institutuko Svante Pääbo genetikariak gidatu zuen sekuentziazioa, eta oihartzun handia izan zuen, batez ere gure genoman neandertalen geneak topatu izanak. Izan ere, azken urteotan behin eta berriro azaleratu da hibridazioari buruzko galdera: garai batean Europako zenbait eremutan biak bizi izan zirela erakusten duten aztarnak aurkitu direla aintzat hartuta, izan ote zen gurutzaketarik haien artean? Science n aurkeztutako lanaren arabera, erantzuna baiezkoa da. Hain zuzen ere, neandertalaren genomaren % 60 sekuentziatu zuten. Gero, gaur egungo bost pertsonarenekin alderatu zuten. Hala, ikusi zuten gaur egungo gizakiek neandertalen gene batzuk gordetzen zituztela haien genometan, afrikarrek izan ezik. Hori azaltzeko hipotesi sinesgarriena da neandertalak eta gaur egungo gizakiaren arbasoak gurutzatu egin zirela, hauek Afrikatik atera ondoren eta Eurasian hedatu aurretik. Gurutzaketa duela 100.000-50.000 urte gertatu zela kalkulatu dute, Asia Hurbilean. Aztarna arkeologikoak bat datoz kalkulu genetikoekin. Hala ere, hibridazioa nahiko mugatua izan zela uste dute ikertzaileek. Ez zen, dena den, ikerketa hartatik ateratako ondorio bakarra izan. Ezta azkenaldian neandertalen gainean egindako ikerketa garrantzitsu bakarra ere. Izan ere, genetikariekin batera, arkeologoak, paleontologoak, antropologoak eta beste zenbait arlotako ikertzaileak ere lanean ari dira, eta gizaki haiek hobeto ezagutzeko datu baliagarriak ematen ari dira. Esate baterako, neandertalak haragijale hutsak zirelako ustea ezeztatzen duen artikulu bat argitaratu dute duela gutxi PNAS aldizkarian. Washingtongo antropologo eta arkeobiologo batzuk dira egileak, eta Irakeko eta Belgikako haitzulo banatako neandertalen hortzetako arrastoetan oinarritu dira beren ikerketa egiteko. Zehazki, landare-jatorriko arrastoak ikertu dituzte, eta beren dietaren parte zirela frogatu dute. Landare eta hazi haietako batzuk gaur egun ere jaten dira, eta, gainera, sutan egin zituztelako aztarnak aurkitu dituzte. Horrenbestez, inguruan zituzten landare jangarriak aukeratzeko eta digeritzeko errazagoak izan zitezen haiek eraldatzeko gai zirela baieztatu dute ikertzaileek. Gure arbasoek egiten zuten bezalaxe, hain juxtu. Neandertalei buruz egiten den ikerketa bakoitza pieza bat da haien puzzlean, eta, oro har, puzzlea osatu ahala, ikertzaileek gero eta hurbilago ikusten dute neandertala. Alegia, ikertzaile gehienen iritziz, ez dira lehen uste zuten bezain desberdinak gugandik. Are gehiago, batzuen ustez, gu eta haiek izan gintezkeenak baino are antzekoagoak izango ziren gure arbasoak eta neandertalak. Paradigma-aldaketa Uste horretakoa da, adibidez, Joseba Rios arkeologian doktorea. Neandertal gizakian espezializatuta dago; orain Kantabriako Unibertsitateko irakaslea da, eta, horren aurretik, 2009ra arte, ikertzaile-lanetan aritu zen Max Planck Institutuan, pare bat urtez. Beraz, bertatik bertara ezagutzen du neandertalaren genomaren azterketa-lana. Horrez gain, Goi Paleolitoko ikertzailea ere bada Rios; izan ere, oso garrantzitsua iruditzen zaio neandertalak desagertu ondoren zer gertatu zen jakitea, neandertalei buruzko informazioa behar bezala interpretatzeko. Dioenez, "hasieratik, neandertalak beti gurekin alderatu ditugu; alderaketa horretatik ateratako ondorioak dira neandertalez dugun ikuspegiaren oinarria. Hortaz, eboluzionismotik etorritako aurreiritzi asko daude. Lehen pentsatzen zuten: espezie hori desagertu egin zen, eta, beste batek, gureak, aurrera egin du. Horrek esan nahi du gu hobeak garela. Ikuspuntu horretatik, ulertzekoa da neandertalak izaki primitiboak eta gutxi garatuak zirela uste izatea". Uste horrek ekarri du gaur egun egiten ari diren aurkikuntzak hain harrigarriak izatea askorentzat. Riosek sua erabiltzearen adibideari heldu dio: "Neandertalek sua menderatzen zutela jakin zenean, kristoren albistea izan zen. Zergatik? Horretarako gaitasunik ez zutelako aurreiritzia zegoelako. Baina, berez, ez da hain deigarria edo berezia, gizakiek sua erabiltzen zutela erakusten duten lehen aztarnak duela 600.000 urtekoak baitira". Bestalde, Riosek ohartarazi du ez dela zuzena neandertalari buruz hitz egitea, denak talde homogeneo bat osatuko balute bezala. Denbora igaro ahala, eta geografikofi zuten banaketagatik, aldaerak sortu ziren, eta denek ez zuten bizimodu, industria, antolamendu berdina. Riosen ustez, "kulturalki ere desberdinak izango ziren elkarren artean". Hortaz, sua menderatzen zutela esatean, zehaztu egin beharko litzateke zeintzuk; "bestela, gizaki modernoak ordenagailuak egiten eta erabiltzen dakiela esatea bezala da, eta egia da batzuek badakitela, baina beste askok ez, eta, noski, duela 50 urte inork ez zekien". Hori garbi utzita, orain dagoen galdera honako hau da, Riosen esanean: "Neandertalak gizakiak ziren, baina gu bezain gizaki?". Eta jarraitu egiten du: "orain badakigu 10.000 urteko denbora-tartean bi gizaki-mota egon zirela bizitzen Europan. Seguru asko, ez zuten kontaktu handirik izango, baina ziur nago kontaktua izan izan zutela. Zenbateraino ziren antzekoak? Horren atzean dagoen galdera hauxe da: Zer da gizatasuna? Guk badugu eredu bat, gurea; gu geu gara eredua. Bada, orain aukera dugu beste batekin alderatzeko, eta, alderaketa horretatik, gutaz gehiago jakiteko". Beste zientzialari batzuk bezala, Riosek bere buruari galdetzen dio ea neandertal batek eta gure arbaso batek topo eginez gero, bestea espezie berekotzat hartuko ote zuten. Erantzunik gabeko galdera da. Genetikaren ekarpena eta beste Asko eztabaidatu da neandertala H. sapiens espeziearen subespezie bat den, edo Homo generoaren espezie bereizi bat, baina oraindik ez dago erabateko adostasunik. Riosen iritziz, nondik begiratzen zaion da kontua: "Espezieak bereizteko, paleontologian eta paleoantropologian, hezurren morfologiari begiratu zaio, eta, alderdi horretatik, ez dago inolako zalantzarik espezie desberdinak direla. Genetikaren aldetik, ordea, ez dago hain garbi, inondik inora ere. Baina genetika ez da inoiz erabili espezieak bereizteko". Edonola ere, azken urtetotan genetikak ekarpen handiak egin ditu, eta emaitza batzuek aparteko oihartzuna izan dute, nahiz eta, batzuetan, ez diren erabakigarriak izan. Adibidez, FOXP2 genearen gure aldaera berbera zutela frogatzeak neandertalen hitz egiteko gaitasunari buruzko eztabaida berpiztu zuen. Itziar Laka EHUko hizkuntzalariak azaldu duenez, gene hori zuzenean lotuta dago hizkuntzarekin, eta baita mugimenduak planeatzeko eta sekuentziak konputatzeko ahalmenarekin ere. Beraz, gauza batzuetan gure parekoak izan zitezkeela iradokitzen du aurkikuntza horrek, baina ikertzaile gehienek onartzen dute gene jakin bat izatea, berez, ez dela nahikoa ezer frogatzeko. Hala ere, Riosek ez du zalantzarik hizkuntzari buruz: "Neandertalek transmisio kultural konplexua zuten, adibidez, harria lantzeko tekniketan. Eta 200.000 urte baino gehiago iraun zuen, eta moldaketak egon ziren, garapen historiko bat... Horretarako, ezinbestekoa da hizkuntza bat izatea. Beharbada beste era batera hitz egingo zuten, baina gure artean ere hizkuntza-aniztasun handia dago, eta denak dira hizkuntzak. Bada, haiek ere izango zuten berea". Erantzunak topatu, galderak sortu Hain juxtu, kulturaren alderdia da Rios gehien erakartzen duena: "Neandertalen artean zenbait kultura zeudela ikusi dugu, eta ez zirela ingurura egokitzeko sortutako moldaera hutsak. Adibidez, Euskal Herrian egin dugun azterketa baten arabera, garai batean, ahuntzak ziren baliabide ugariena; hala ere, neandertal haiek oreinak ehizatzen zituzten. Talde hura, kulturalki, orein-jalea zen". Kulturaren eragina nabarmentzen du Riosek. Haren iritziz, "nahikoa da talde batek arau bat izatea, eta, adibidez, adin jakin batera arte ez uztea neskei haurrak izaten, azterketa biologikoek edo genetikoek iradokitzen dutenaz bestelako bilakaera izateko". Horrenbestez, ondorio zuzenak ateratzeko, alderdi guztiak hartu behar dira kontuan, osagarriak baitira. Esaterako, Asturiasko El Sidrón-eko aztarnen analisi genetikoa egin dutenean, ohartu dira arren arteko ahaidetasuna emeen artekoa baino askoz ere handiagoa zela. Hortik ondoriozta daiteke taldetik kanpoko emeak aukeratzen zituztela haurrak izateko. Bada, lehen aldia da ikerketa genetiko batek portaerari buruzko aztarnak ematen dituena. "Hori bai, ezin dugu orokortu eta pentsatu beste leku edo garai bateko neandertal-taldeek ere berdin jokatzen zutela". Eta erantzun batzuk topatzen badituzte ere, misterio berriak agertzen zaizkie ikertzaileei. Azkena, Denisova gizakia. Siberiako Denisova haitzuloan gizaki baten fosilak aurkitu zituztenean, ez zuten nahikoa datu neandertalarenak edo gureak ziren erabakitzeko. Orain, Max Planck Institutuak analisi genetikoa egin du, eta, horren arabera, baditu antzekotasunak neandertalekin, eta gizaki modernoarekin ere gurutzatu zela dirudi. Baina ez dira ez batarenak ez bestearenak. Alegia, espezie berri batenak dira. "Soka luzea ekarriko du", dio Riosek, jakinmina ezkutatu ezinik. Neandertalak, bertan Duela milaka urte, neandertalak bizi izan ziren gaur egun Euskal Herria deitzen diogun lurraldean. Joseba Riosek azaldu duenez, Euskal Herria oso aberatsa da neandertalek utzitako arrastoetan, baina eskasa fosiletan hezurrak, hortzak... Aztarnategi asko daude. Esate baterako, Iparraldean oso ezagunak dira Isturitz eta Gatzarria. Nafarroan, Abauntz eta Koskobillo. Gipuzkoan, Lezetxiki da onena, neandertal zaharren eta ziurrenik Homo heidelbergensisaren arrastoak ere bai baititu, baina baita neandertal berriagoenak ere; halaber, badaude aire zabaleko aztarnategiak, adibidez Irikaitz. Araban, Arrillorko koba da garrantzitsuena. Azkenik, Bizkaian, Kurtzia dago aire zabalean, eta haitzuloen artean, Axlor eta Arlanpe daude, besteak beste. Rios Axlorreko azterketa arkeologikoaren zuzendaria izan da, eta, haren esanean, huraxe da aberatsena. Zenbait hagin aurkitu zituen han Joxe Migel Barandiaranek; bat, matrailezurrari itsatsita, eta ondorio esanguratsuak atera dituzte han egindako indusketetatik. Hain zuzen, Axlorren, Arlanpen eta Arrillorren sekuentzia oso handiak daude, zenbait maila arkeologikorekin. Riosentzat oso baliotsua da sekuentzia hain handiak izatea, bizimodu-aldaketen berri izateko aukera ematen baitute. "Horri esker ikusten ahal dugu ingurune berdintsuan zelan bizi ziren hain desberdin", dio Riosek. Hau da, denboran zehar izan zuten bilakaera ikus dezakete. Baina, horren harira, "batzuetan historia korapilatu" egiten dela nabarmentzen du Riosek: "ez dugu pentsatu behar bilakaera lineala izan zenik; batzuetan, maila zaharretan jokabide garatuagoak ikusten ditugu maila berrietan baino". Adibidez, Axlorreko behe mailetan sua egiten zuten. Egin, eta erabili: berotzeko, janaria prestatzeko eta ingurua antolatzeko. Riosen arabera, jokabide hori "modernotzat" jo izan da beti, eta azken urteotan ikertzaileek ikusi dute neandertal batzuek ere bazekitela sua kontrolatzen. Horien artean leudeke Axlorren duela 50.000 urte inguru bizi izan ziren neandertalak. Aldiz, haitzulo bereko goi-mailetan, neandertalen aztarna ugari daude, baina ez dago suaren arrasto bakar bat ere. "Garai hartan, kobazulo horretan, ez zuten erabili sua", azaldu du Riosek. Hori argi badago ere, horren arrazoia ez da sinplea: "Horrela ikusita, badirudi atzerapauso bat eman zutela, baina ez du zertan horrela izan; beharbada beste nonbait egiten zuten sua. Ez dakigu". Riosen ustez, Euskal Herrian dauden aztarnategiekin "neandertalen historiaren zati bat ezagutzeko aukera dugu", batez ere sekuentzia handiak dituztenei esker. Orain Arlanpen ari da industen, historia osatzeko datu gehiagoren bila. …eta neandertalek sua piztu zuten Urte luzez uste izan da gure espeziea dela sua menderatzen duen bakarra, sua pizteko gaitasuna zela beste espezieetatik bereizten gintuen ezaugarrietako bat. Neandertalek sua erabiltzen zutela erakusten duten aztarnek, ordea, kolokan jarri zuten hipotesi hori. Eztabaida ez da guztiz itzali, baina Joseba Rios Garaizar arkeologoak eta Asier Gómez Olivencia paleontologoak ez dute zalantzarik: neandertalek ere menderatzen zuten sua. Sapiens aldizkarian urtearen hasieran Dennis Sandgathek eta Harold Dibblek argitaratutako dibulgazio-artikuluak berpiztu du eztabaida. Artikuluaren izenburua: “Nork piztu zuen lehen sua?” ( Who started the first fire? ). Haren arabera, neandertalek sua erabili bazuten ere, ez ziren hura pizteko gai. Hala, gure espeziearen bereizgarritzat jotzen dute sua pizteko gaitasuna izatea. Ondorio horretara iristeko, Frantziako hego-mendebaldean dauden Pech de l’Azé IV eta Roc de Marsal aztarnategietako arrastoetan oinarritzen dira, eta giza eboluzioarekin lotzen dute sua menderatzeko ahalmena. Hain zuzen ere, haien iritziz, homininoek ez zuten une jakin batean asmatu sua egiten; aitzitik, pausoz pauso eta prozesu luze baten ondorioz bereganatu zuten jakituria hori. Hala, suarekin harreman segurua izateko gaitasunaz jabetzea izan zen lehen pausoa: sutatik ihes egin beharrean, suaren portaera ulertzea. Nonbait, txinpantzeek badute gaitasun hori: Afrika ekialdean, ikusi izan dituzte txinpantzeak berez piztutako sute baten ertzean itxaroten, eta erretako eremuan sartzen gero, janari bila. Alegia, ez dira sua kontrolatzeko edo erabiltzeko gai, baina ulertzen dute nola jokatzen duen, eta beren mesederako erabiltzen dute jakituria hori. Egileen ustez, litekeena da txinpantze horien antzera jokatu izana Afrikako ekialdeko gure lehen arbasoek, duela 4 eta 2 milioi urte artean. Sua kontrolatzeko ahalmena eskuratzea izango litzateke bigarren pausoa. Sua pizteko gai izan gabe, berez sortutako sua hartu, eraman eta erabiltzeko gaitasuna izango lukete gure arbasoek. Egileek, ordea, ez dute zehaztu noiz gertatu zen hori. Eta azken pausoa ere, hau da, sua egiteko ahalmena izatea, ez dakite nola gertatu zen. Hori bai, zehazten dute duela 400.000 urtetik gizakiek kontrolatutako suen arrasto ugari agertzen direla, ez bakarrik leku irekietan, baita kobazuloen barruan ere. Horrek garbi erakusten du sua kontrolatzeko gai zirela; ez, baina, pizteko gaitasuna zutenik. Eta hor dago koska. Frogak eta zalantzak Sandgathek eta Dibblek azaltzen dutenez, bai Pech IV-n bai Roc de Marsalen, harpe haietan zenbait garaitan bizi izan ziren neandertalek sua erabiltzen zutela frogatzen duten arrasto garbiak aurkitu dituzte: erretako zura eta hezurrak, su-tokiak... Horregatik, hasieran pentsatu zuten neandertalek bazekitela sua egiten. Alabaina, leku horietan beraietan aurkitutako beste aztarna batzuek zalantza piztu zieten. Batetik, goiko geruzetan —Erdi Paleolitokoetan— ez zen suaren arrastorik agertzen. Garai hartan kobazuloen sarreran bizi zirelako izan zitekeen hori: haizeak eta urak suaren arrastoak eramanda desagertuko ziren, agian, ikatza eta errautsak. Baina ez zen hori bakarrik: garai hartako milaka tresna eta hezur daude, denak erre gabe. Ondorioa garbia da Sandgathen eta Dibblen arabera: leku horietan ez zuten surik erabili garai hartan. Egileentzat oso deigarria da hori. Garai oso hotzak ziren haiek, beste sasoi batzuetan baino askoz gehiago eskertuko zuketen sua izatea. Orduan, zergatik ez zuten erabili? Egileek hipotesi honen bidez erantzun diote galderari: ez zirelako sua pizteko gai. Iraganean erabili bazuten, klima epela zenean, berez piztutako suteak ohikoak zirelako zen. Klima hoztu zenean, ordea, askoz zailagoa zen suteak berez sortzea; hortaz, ez zuten surik eskura. PNAS aldizkari zientifikoan azaldu zituzten ondorio horiek. Haiek piztutako suak Artikulu hark kontrako iritziak bildu zituen, PNASen zein beste aldizkari batzuetan. Izan ere, aditu askok ez dute zalantzarik neandertalentzat sua ohiko elementua zela eta ondo menderatzen zutela. Horien artean dago Joseba Rios Garaizar, Espainiako Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko (CENIEH) ikertzailea. Riosek neandertalen aztarnategi asko ezagutzen ditu, eta, dioenez, haietan oso arruntak dira suaren arrastoak: “Hainbeste arrasto ikusita, ez du zentzurik pentsatzeak ez zirela sua pizteko gai; bestela, ez lirateke hainbeste egongo. Gainera, ondo kontserbatutako aztarnategietan, su-mota bat baino gehiago ere topatu izan da, esaterako, Abric Romanin. Aztarnategi hori Bartzelonatik gertu dago, eta izugarri aberatsa da. Han ikusten da sua ez zutela berotzeko bakarrik erabiltzen. Garbi dago ondo menderatzen zutela”. Adibidez, Erdi Paleolitoko su batzuetan, egur berdea erretzen zuten: “Horren helburua ez da sua egitea, baizik eta kea sortzea. Zertarako? Batek daki: haragia ketzeko, erlauntzetatik eztia hartzeko, animaliak uxatzeko...” Horrez gain, neandertalek erretxina ere egiten zuten, itsasgarri gisa erabiltzeko: “Oso prozesu zaila da, prozesu kimiko benetan konplexu baten bidez lortzen baita. Ezinezkoa da hori egitea, sua menderatu gabe”. Gainera, Riosen iritziz, Sandgathek eta Dibblek klimarekin egiten duten lotura nahiko eztabaidagarria da, ezin baita ziurtatu garai hotz eta lehorretan ez zela surik pizten. “Agian orokorrean egia da hori, baina, nire ustez, ez dakigu lurralde osoan berdin gertatuko ote zen”. Bestalde, onartzen du sasoi, toki edo kultura jakinetan, adibidez, Quina tipoko Musteriar aldian, apenas daudela suaren arrastoak. “Hortik ezin da ondorio orokorrik atera, ordea”, ohartarazten du. Are gehiago, suaren arrastoak ohikoak diren lekuetan ere ez dago froga erabatekorik erakusten duena sua pizten zutela: “Sua egiteko behar dira egurra edo pirita eta suharria, eta ez da halakorik agertzen, baina Goi Paleolitoan adibide gutxi daude, eta zalantzazkoak, eta inork ez du zalantzan jartzen sua egiten zutela. Hortaz, ez dago neandertalek sua pizten zutela erakusten duen behin betiko arrazoirik, ados. Baina ohikoa zuten, menderatzen zuten eta haientzat arrunta zen, geroko gizakientzat izan zen bezain arrunta”. Arrastorik ez egotea ez da froga Horrekin batera, aurretik aipatutako ideia batean sakondu du: aztarnarik ez aurkitzeak ez du frogatzen ez zutela sua egiten. Hori azaltzeko, ondo ezagutzen duen aztarnategi bat jarri du adibide gisa: Axlor (Dima). “Han sekuentzia luzea dugu, maila asko. Zaharrenetariko batean, erretako animalia-hezur puskak eta harriak azaltzen dira. Garai hartan, beste lekuetan ez da ohikoa, baina han bai, han sua egiten zuten, harpearen barruan. Suen segida bat dago, eta garbi dago asko erabiltzen zutela”. Geroago, ordea, Quina kulturako mailak daude, eta han ez dago suaren arrastorik. “Neu ikertzen izan nintzenean, ez genuen suarekin lotutako aztarna bat bera ere aurkitu”, dio Riosek. Nonbait, Barandiaranek deskribatu zuen bat, “baina ez dago frogatuta”. Hortik ondoriozta daiteke ez zutela surik egiten? Riosek ezetz dio: “Behar bada, hori da suaren arrastorik ez egoteko arrazoia, baina ez du zertan hala izan. Adibidez, baliteke garai hartan harpearen sarreratik metro batzuetara egitea sua, kanpoan, eta gero haizeak edo urak eraman izana arrastoak”. Ez da aukera bakarra. Kontatu duenez, garai hartako animalia-hezurrak oso zatituta agertzen dira, eta zati jakin batzuk bakarrik aurkitu dituzte. “Hortaz, agian leku hura ez zuten bizitzeko erabiltzen, baizik eta ehiza egin eta animaliak txikitzeko, gero bizilekura eramateko. Horrela balitz, normala da suaren arrastorik ez aurkitzea han”. Ehizaren inguruan, duela urte batzuk antzeko eztabaida zegoela gogoratu du Riosek. “Orduan ere, arrasto garbirik ez zegoela eta, batzuek ukatu egiten zuten neandertalek ehizatzeko gaitasuna zutela. Denborarekin, froga garbiak azaldu dira, eta orain onartuta dago neandertalak ehiztariak zirela”. Eztabaidaren arrazoia Hain zuzen ere, hor dago koska: datuen interpretazioan. Asier Gómez Olivencia Ikerbasque ikertzaile da EHUn, eta neandertalen eta beste gizaki batzuen hezur fosilak ikertzen ditu. Eta Sandgathe eta Dibble ezagutzen ditu, haiekin batera induskatzen aritu baitzen La Ferrassie aztarnategian (Frantziako hego-mendebaldean) 2014ean. Bada, hura ere ez dator bat haien ondorioekin. “Aztarnategi beretan izan gara, eta arrasto berberak ikusi eta ikertu ditugu, baina ez gaude ados ondorioetan. Adibidez, neandertalek hildakoak hilobiratzen zituztela ukatzen dute; nik ordea, ez dut inolako zalantzarik. Eta taldekideekin ere azaldu izan dituzte jarrera kontrajarriak. Alan Turq, esaterako, taldekide dute, eta, elkarrekin sinatutako artikuluetan, eztabaidaren atalean, bien ondorioak jarri izan dituzte: alde batetik Sangathek eta Dibblek diotena, eta bestetik Turqek eta gainerakoek ondorioztatutakoa”. Gómezen arabera, zientzian oso zaila da zerbait ez dagoela frogatzea: “Ez aurkitzeak ez du esan nahi ez dagoenik. Aurkitu duzuna badagoela frogatzea erraza da; kontrakoa ez, ordea”. Suaren eztabaidan hori gertatzen delakoan dago. “Ez da nire ikergaia, baina, niretzat, Abric Romaniko aztarnak ikusita, adibidez, ezin da zalantzan jarri neandertalek sua egiten zutela”. Riosentzat bezala, oso aztarnategi esanguratsua da Gómezentzat ere: “Ikusgarria da. Aurreko udan izan nintzen bisitan, eta han era askotako suak ikusten dira. Tamalez, ez da giza fosilik azaldu, eta horregatik ez da beste batzuk bezain ezaguna. Baina okupazio-mailak trabertino-geruzekin tartekatuta daude, eta, horri esker, okupazio-mailak bereizita daude. Horregatik, haien bizimoduaren berri ematen duen informazio pila bat atera da handik, tartean, erabilera desberdinak adierazten dituzten su-motak”. Abric Romanin bezain garbi ez bada ere, beste leku askotan ere suaren arrasto garbiak aurkitu izan direla gogoratu Riosek: “Bruniquel, adibidez, oso ezaguna da estalagmitekin egindako egitura berezi horiengatik, eta han ere aurkitu dituzte suaren arrastoak. Bestela ere, ezin izango zuten han barrura sartu eta egitura haiek eraiki surik gabe, han ez baitago argirik.” Azken finean, Riosen arabera, neandertalak desagertzeko arrazoiarekin lotuta dago suaren gaineko eztabaida: “Batzuen ustez, neandertalak gure espeziekoak baino ahulagoak, atzeratuagoak edo ezjakinagoak zirelako desagertu ziren. Eta hipotesi hori indartzeko arrazoiak bilatzen dituzte. Nire iritziz, ordea, gure espeziearen ugaltzeko eta hedatzeko senaren ondorioz galdu ziren neandertalak. Gaur egun ere nabarmena da gure sen hori; hori bera nahikoa da beste era batera bizi eta ugaltzen den espezie bat desagerrarazteko”. Arg. EUTAH Mizushima/CCO Homo sapiens gizakia bere bakardadean Zergatik da H. sapiens modernoa Homo bakarra? Duela 30.000 urtera arte, Homo generoko beste bi espezie ere bazeuden Lurrean, neandertalak eta denisovarrak. Zer gertatu zen gaur egun Homo generoaren ordezkari bakarra egoteko planeta osoan? Ez hain aspaldira arte, galderak erantzun erraza zuen: eboluzioaren erpina da H. sapiens, bere adarrean zeudenen artean onena eta ingurura ondoen egokitzen jakin zuena. Nagusitasun horrek eraman du gailurrera. Azken urteotan, ordea, nagusitasun erabateko hori zalantzan jartzen duten aztarnak aurkitu dituzte arkeologoek. Aztarna horiek aintzat hartuta, badirudi beste gizaki haiek ez zirela hain “atzeratuak”, ezta gugandik hain desberdinak ere. Goiko galderari erantzutea, beraz, ez da hain erraza. María Martinón-Torres, Carmen Manzano Basabe, Joseba Ríos Garaizar eta Diego Garate Maidagan adituek behin baino gehiagotan egin diote galdera hori beren buruei, eta, erantzun biribilik ez badute ere, haien hipotesiak azaldu dituzte, bakoitzak bere ikuspuntutik. Hitz bakar batean erantzun beharko balute, hauek izango lirateke hitzak: moldakortasuna, kultura, hazkunde demografikoa eta konplexutasuna. Moldakortasuna María Martinón Londresko Unibertsitateko ikertzailea da, eta hortzen antropologian espezializatuta dago. Haren esanean, espezie guztiok behar dugu lekua. “Norbanako gisa behar dugu, baina baita espezie gisa ere. Eta hori ez da gizakiaren kontua bakarrik; beste edozein bizidunekin ere gertatzen da, animalia zein landarea izan. Ekologian txoko ekologikoa deritzo horri; azken finean da nola lortzen duen espezieak aurrera egitea, zer rol jokatzen duen naturan”. Eta, alde horretatik, Homo sapiens espeziea ikaragarri moldakorra dela adierazi du Martinónek: “aurrekaririk gabeko moldakortasuna erakutsi du, eta horrek eraman du planetaren toki guztiak hartzera; itsas hondoa izan ezik, oraingoz!”. Hala ere, hedatze geografikoaz harago, Martinónen ustez hau da gakoa: “ia denetik egiten ikasi du”. Gizaki batek aurrera egiteko dituen aukera guzti-guztiak baliatzen omen ditu; hala, ez dio beste inori uzten lekurik: “Gurekin batera bizitzen beste giza espezie bat egoteko modu bakarra izango litzateke hark ez lehiatzea gurekin, beste leku bat hartzea. Baina lekurik utzi al dugu, bada?” Martinónek ezetz dio: “Homo sapiens ehiztaria da, biltzailea, arrantzalea eta ganaduzalea. Homo sapiensharrapakariak eta harrapakinak daude, liderrak eta mendekoak. Homo sapiensen barruan tokia dute argiek eta ez hain argiek; indartsuek eta ahulek irauten dute bizirik, barnerakoiek eta irekiek, oldarkorrek eta bakezaleek. Trebeak eta baldarrak sartzen dira, tableta asmatzeko gai baina arrautza frijitzen asmatzen ez duena eta alderantzizkoa”. Horrez gain, Homo sapiensek denetik jaten duela gogorarazi du, baina badirela sekula haragirik jaten ez dutenak eta barazkiak probatzen ez dituenak. “Eta mendian bizi daiteke, landa-eremuan, hirian, hondartzan, basamortuan eta iglu batean”. Hala, dituen moldakortasuna eta dibertsitatearekin, ez dio tokirik utzi beste inori. Martinónek argi du: “Dena, baita ez dagokiona ere (hegan egitea adibidez), probatzeko prest dagoen espezie batekin lehiatzea zaila da oso. Ez dago interesatzen ez zaigun ezer. Beste edozein giza espezieren txoko ekologikoa hartu dugu”. Kultura Carmen Manzano EHUko antropologia-irakaslearen ustez, berriz, gakoa kultura da: “Orain asko dabiltza ikertzen neandertalek zer neurriraino zuten kultura garatua, baita lengoaia ere. Hor badago eztabaida bat; batzuk ez daude ados, baina Chomskyk esaten du lengoaia sinbolikoa, konplexua, guk bakarrik dugula, H. sapiensok, alegia. Lengoaia horrek adierazten du entzefaloan aldaketa bat egon dela, eta aldaketa hori beharrezkoa da gurea bezalako lengoaia bat izateko, eta kultura garatzeko. Ni ez naiz linguista, baina horretan bat nator Chomskyrekin”. Neandertalek egindako adierazpen sinboliko batzuk topatu diren arren, Manzanoren arabera, “eskasak” dira. “Gure espeziearenak, aldiz, oso aberatsak dira, ugariak, eta giza talde guztietan landu dira”. Horrekin batera, Atapuercako zuzendari Juan Luis Arsuagaren aipu bat ekarri du gogora Manzanok: “Arsuagak esan zuen behin giza fenomeno kulturaletan oso garrantzitsua dela talde-nortasuna. Eta talde-nortasunaren seinale dira sinboloak. Eta gure sinbologia konplexu horrek, nire ustez, erakusten du oso talde-nortasun sendoa dugula. Eta baita norberak bere buruarena ere, apaingarrietan ikus daitekeenez. Niretzat, hor dago gakoa”. Kultura aurrera eramateko talde handi bat behar dela azaldu du Manzanok, eta horrek zerikusi handia izan zuela uste du: “Norbaiti bururatzen zaion berrikuntza bat; hori da, azken finean, kultura. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta aukera handiagoa, norbaitek burutazio bat izateko. Eta gizaki modernoa iritsi zenean Europara, neandertalen taldeak oso txikiak ziren, klima-aldaketagatik eta abar. Nire iritziz, hori erabakigarria izan zen”. Kulturaren ideian sakonduz, “txoko kulturala” ere aipatu du Manzanok. “Batzuek diotenez, gure espezieak txoko berri bat hartzen asmatu zuen: txoko kulturala, hain zuzen. Hori presio selektibo berri bat da”. Eta Baldwin efektuarekin lotu du: “Baldwin efektuak azaltzen du jokaera berri batek (izan daiteke kulturala, edo teknologikoa) eragina izan dezakeela genetikan. Hipotesi bat da, baina, horren arabera, aurrerapen bat asmatu edo barneratzeko gaitasuna dutenek osagai genetiko bat dute, zeinari esker garun bereziak edo sare neuronal malguagoak dituzten. Litekeena da gure espeziean, aurrerapen bat asmatu denean, aurrerapen hori asmatu edo ondoen barneratu duten banakoek ondorengo gehiago izan dituztela. Esan bezala, hipotesi bat da, baina, horrek ekarriko luke osagai genetiko hori ugaritzea taldean”. Hala, Manzanoren ustetan, litekeena da Baldwin efektuaren “eragina nabaria izatea” gure espeziearen sorreran. “Horren ondorioz, talde-dentsitatea asko handituko litzateke. Eta Europara iritsi eta neandertalekin topo egitean, asimilatu egin zituzten”. Hain zuzen, Manzanok ez du inoiz sinestu neandertalak eta H. sapiensak ez zirela gurutzatu elkarren artean. “Lehenengo datu genetikoek hori zioten arren, nik ez nuen uste horrela izan zenik sekula, bazeudelako bestelako datu batzuk ere, eta haiek iradokitzen zuten egon zela nolabaiteko gurutzaketa”. Denborak arrazoia eman dio, orain argi baitago neandertalek arrastoa utzi zutela gure genoman, eta, beraz, H. sapiensekin gurutzatu zirela. Horrela irudikatzen du, beraz, Europako pasarte hura: “Neandertalen taldeak txikiak ziren, eta ahulduta zeuden, eta gure espeziekoak asko ziren eta talde handiak osatzen zituzten. Eta, batez ere, talde-nortasun oso handia zuten. Eta orduan asimilazioa gertatu zen. Asian ere antzera gertatu zen: denisovarrak, H. erectus batzuk, H. floresiensis... zeuden, baina, batetik, ez ziren gurutzatu, ez baitziren haien gustukoak izango, eta, bestetik, etorri berriak gehiago ziren”. Hazkunde demografikoa Galderak beste galdera batzuk sorrarazi dizkio Joseba Ríos Garaizar CENIEH Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroko ikertzaileari. Hala ere, ausartu da erantzuten, “izan ere, egia da garai batean lau espezie egon zirela bizitzen aldi berean: neandertalak, denisovarrak, Flores uharteko gizakiak eta gu. Eta gu baino ez gara geratzen”. Hori horrela bada ere, haren ustez azalpena ez da batere sinplea: “H. sapiensak bakarrik irauten du, baina, hasieran behintzat, nahastuko zen besteekin; bi espezieekin gutxienez, neandertalekin eta denisovarrekin”. Horrez gain, iruditzen zaio H. sapiensak ere izango zituztela haien iraungitze-prozesuak, baina mugatuak: “Seguru asko, Europara etorri ziren lehen H. sapiensak desagertu egin ziren guztiz. Baina horri buruz oso gutxi dakigu”. Afrikatik Europara bidaiatu zuten lehen talde haiek galdu baziren ere, Afrikako populazioa etengabe hazi zela azaldu du Ríosek. “Eta aurrera egiteko topatu zuten aukera bat beste leku batzuk hartzea izan zen. Hala, uhinetan joan ziren ateratzen”. Ríosen iritziz, horrek zerikusi zuzena du gure espeziearen arrakastarekin. Dioenez, neandertalek ez zuten jokabide hori: “Neandertalak Europan zeuden, eta geldialdi demografikoan zeuden. Krisi demografikoak ere izan zituzten; hori erakusten dute, adibidez, El Sidróneko fosilen azterketa genetikoek(Asturias). Garai hartan dibertsitate genetiko txikiagoa izango zuten, baina gai izan ziren berriro Europa osoa populatzeko. Hala ere, ez ziren Europatik atera. Horrek adierazten du haien populazioa egonkorragoa zela nolabait, ez zen hazten etengabe gure espezieak egiten duen moduan. Agian oreka hobea zuten beren ingurunearekin, edo oreka soziala ere, eta, adibidez, jaiotzak kontrolatzen zituzten... ”. Hain justu, gure espeziearen berezko ezaugarritzat jotzen du jokabide hori: etengabe haztea eta hedatzea. Ez daki, ordea, horren atzean dagoen arrazoia biologikoa ote den ala soziala. “Behar bada, bietatik dago, baina ez dakigu, oso datu gutxi baititugu duela 40.000-50.000 urte Afrikan gertatzen zenaz, adibidez, Egipton, Sudanen... Hori argitzen badugu, galdera askori erantzuteko aukera izango dugu. Izan ere, hortik atera da beti gizakia iparralderantz, eta baliteke hori izatea klima-aldaketari, baliabide-urritasunari edo hazkunde demografikoari topatu dion irtenbidea”. Riosek ohartarazi duenez, gaur egun ere gauza bera egiten jarraitzen dugu. “Ez ditugu populazioa mugatzeko neurriak hartzen, garrantzi handia ematen diogu zaintzari... Alde horretatik, oso espezie berezia gara”. Iraganera itzuliz, iruditzen zaio hazkunde horrek berak ekarriko zuela sorkuntza-lanak, aurrerapen teknologikoak eta mekanismo sozialak agertzea. “Antza denez, sinbolismoa Europan bat-batean agertzen da, H. sapiensaren eskutik eta kalitate estilistiko oso handiarekin. Bat-bateko agerpen horrek, baina, ez dauka zentzurik. Seguruenik, lehendik ere bazuten gaitasuna, baina ez zuten izango beharrik. Eta noiz dute beharra? Leku batetik bestera joan behar dutenean, eta talde barruko kohesioari eutsi behar diotenean. Horretarako, mekanismo sozialak behar dira, eta mekanismo sozialetako bat sinboloak dira, jendea lotzen duten sinboloak. Horrenbestez, hazkundeak ekarritako sormenak, teknologiak eta mekanismo sozialek eman diote arrakasta gure espezieari, oraingoz”, dio Ríosek, indarra azken hitz horretan jarrita. Oraingoz. Konplexutasuna Diego Garate Maidagan Tolosako Unibertsitateko ikertzailea eta Bilboko Arkeologia Museoko teknikaria da, eta aurreko adituek aipatu ez duten beste espezie bat ekarri du gogora: Orein gorriaren kobazuloko gizakia. Azaldu duenez, neandertalaren, denisovarren, Floresko gizakiaren eta H. sapiensaren garaikide izan zen [fosilek 14.500-11.500 urte dituztela kalkulatu dute], baina badirudi haiekin nahastu gabe desagertu zela. “Ez dakigu asko haiei buruz; azken finean, Txinako bi kobazulotan [Longlin eta Maludong] topatutako fosil horiek baino ez dauzkagu. Hala ere, ematen du, H. floresiensisaren antzera, bakartutako talde bat izan zela, berezko eboluzioa izan zuena, eta bere kasa iraungi zena”. Hala ere, ez du baztertzen hurrengo urteetan haien gaineko eta oraindik ezagutzen ez diren beste batzuei buruzko datuak azalduko direnik. “Horiek izandakoan, hobeto ulertuko dugu garai hartako panorama”, dio Garatek. Edonola ere, “filmaren protagonista nagusiak” neandertalak eta H. sapiensak direla uste du Garatek. “Beste protagonistek aberastasuna ematen diote filmari, eta ikuspegi lineala puskatzen dute; baina filmaren korapiloa bi horien artean gertatzen da”. Filmaren bilakaera azaltzean, Ríosen bide beretik jo du (nabaritzen zaie ordu asko ematen dituztela elkarrekin lanean), eta gure espeziearen migratzeko joera azpimarratu ditu. Horrekin batera, konplexutasunaren ideia aipatu du: “Migratzen zuen lekuetara egokitzeko gaitasuna erakutsi du gure espezieak, eta horretarako giltzarri da gure konplexutasuna. Hor sartzen da kultura, taldeen arteko harremanak, paisaia kontrolatzeko eta menderatzeko ahalmena, jarrera berriak sortzeko bulkada... Berez, espekulazio hutsa da, baina egia da azken hogei urtetan asko aldatu dela ikuspegia, eta, hemendik hogei urte barru, beste galdera batzuk izango ditugu erantzuteko”. Denisovarrekin ere zalantza bera du Ríosek. Haiei buruz, informazio genetikoaz gain, datu gutxi daudela gogorarazi du. «Denisovarrak gutxi ezagutzen baditugu ere, badakigu gaur egungo talde batzuen genoman haien geneen arrastoak daudela. Hortaz, zer ziren? Beste espezie bat ziren, edo H. sapiensak ziren, baina pixka bat bereziak, edo neandertalengandik gertuago zeuden?» Homo floresiensis gizakiaren kasuan, Ríosek ez du hainbesteko zalantzarik. Isolamenduak eragindako adar ebolutibo bat dela uste dut, bere bidea egin zuena, gizaki modernoarekin topo egin zuen arte. Neandertalekin eta denisovarrekin, ordea, iruditzen zaio ez dela burugabea pentsatzea H. sapiensa eta hirurak espezie berekoak zirela. «Ziur nago datozen urteetan joango garela galderak argitzen. Baina, oraingoz, ezin diogu erantzun». Espezie desberdinak ala berbera? Gaur egun Homo generoaren espezie bakarra zergatik ote garen pentsatzen hasita, beste gogoeta bat ere bururatu zaio Joseba Ríos arkeologoari. Dioenez, agian espeziearen kontzeptua aztertu egin beharko litzateke: “Zalantzak sortu zaizkit, batez ere Peştera cu Oaseko fosilari buruz iaz argitaratu zen azterketa genetikoa ezagutu ondoren». Ríosek aipatutako fosila 40.000 urteko Homo sapiens baten matrailezur bat da; Errumanian aurkitu zuten, Peştera cu Oase izeneko kobazuloan, eta hasieratik ikusi zuten ezaugarri neandertalak ere bazituela. Azterketa genetikoak argi erakutsi zuen arbaso neandertalak zituela. Eta ez hori bakarrik; Ríosen esanean, «garbi utzi zuen neandertalek eta gizaki modernoek ondorengo ugalkorrak izan zituztela, eta bien arteko hibridazioa ez zela mugatu garai eta leku jakin batera. Aitzitik, milaka urtetan gertatu zen, Ekialde Hurbilean zein Europan.» Ríosen iritziz, horrek kolokan jartzen du espeziearen kontzeptua. «Ondorengo ugalkorrak badituzte, espezie desberdinak dira? Biologia klasikoaren arabera, hori ezinezkoa da. Baina orain badakigu gertatu zela. Horrek esan nahi du distantzia genetikoa ez zela hain handia; eta nahiz eta hezurrak eta beste aztarna batzuk aintzat hartuta desberdintasun nabariak dituzten elkarren artean, genetikoki eta beste ezaugarri batzuen arabera ez zirela hain desberdinak. Adibidez, tarte handi batean, antzeko bizimoduak izan zituzten, batez ere hasieran, duela 100.000 urte inguruko garaian». Denisovarrekin ere zalantza bera du Ríosek. Haiei buruz, informazio genetikoaz gain, datu gutxi daudela gogorarazi du. «Denisovarrak gutxi ezagutzen baditugu ere, badakigu gaur egungo talde batzuen genoman haien geneen arrastoak daudela. Hortaz, zer ziren? Beste espezie bat ziren, edo H. sapiensak ziren, baina pixka bat bereziak, edo neandertalengandik gertuago zeuden?» Homo floresiensis gizakiaren kasuan, Ríosek ez du hainbesteko zalantzarik. Isolamenduak eragindako adar ebolutibo bat dela uste dut, bere bidea egin zuena, gizaki modernoarekin topo egin zuen arte. Neandertalekin eta denisovarrekin, ordea, iruditzen zaio ez dela burugabea pentsatzea H. sapiensa eta hirurak espezie berekoak zirela. «Ziur nago datozen urteetan joango garela galderak argitzen. Baina, oraingoz, ezin diogu erantzun». Lehen hiztunaren bila Noiz egin zen gizakia mintzatzeko gaitasunaren jabe? Gure espeziearen aurrekoak ere mintzatzen ziren? Zientzialariak galdera horien erantzunen bila dabiltza, eta mintzatzen azkenetakoak Max Planck Institutuko ikertzaileak izan dira. Haien esanean, orain arte onartuta zegoen baino askoz lehenago hasi zen gizakia hitzez komunikatzen. Alabaina, ez da haiena izan azken hitza, hipotesi horren aurka azaldu baitira beste ikertzaile batzuk. Uztailean argitaratu zuten Max Planck Institutuko bi ikertzailek, Dan Dediuk eta Stephen Levinsonek, mintzamenaren sorrerari buruzko eztabaida berpiztu duen artikulua. Izenburu esanguratsua du: On the antiquity of language: the reinterpretation of Neandertal linguistic capacities and its consequences . Hain zuzen ere, horixe egin dute artikuluan bi ikertzaileek; alegia, neandertalen hitz egiteko ahalmenari buruzko datuak eta ikerketak bildu, aztertu eta interpretatu dituzte, eta ondorioak ere atera dituzte. Haien ondorio nagusia da hizkuntza modernotzat jotzen duguna ( "recognizable modern language" , haien hitzetan) ez zela gizaki modernoarekin batera jaio, askoz ere lehenago baizik. Homo generoaren ezaugarria dela proposatzen dute, eta, gutxienez, neandertalen eta gaurko gizakiaren arbaso komunak bazuela hitz egiteko gaitasuna. Hala, haien arabera, duela 500.000 urte inguru sortu zen hizkuntza modernoa, eta ez duela 50.000-100.000 urte, orain arte gehienek onartu izan duten bezala. Ondorio horretara iristeko, arrazoi linguistikoak, genetikoak, paleontologikoak eta arkeologikoak eman dituzte artikuluan; horien artean, Ignacio Martinez Mendizabal Atapuercako ikertzaileak egindako lan bat ere aipatu dute. Hiztuna, entzule Martinezen ikerketa hura 2004ean argitaratu zen PNAS aldizkari ospetsuan, eta berritzailea izan zen, mintzamena ikertzeko bide berri bat ireki baitzuen. Martinezek berak kontatu du nola: "Hitzak ez dira fosil bihurtzen, ezta haiek ahoskatzeko erabiltzen diren ehunak ere. Hortaz, duela 500.000 urte Atapuercan bizi ziren hominidoek hitz egiten ote zuten jakiteko, beste bide bat topatu behar genuen". Izan ere, Martinezek gogorarazi duenez, aurretik, beste ikertzaile batzuk saiatu ziren ondorioak ateratzen garezurren barrualdeko itxura aztertuta, eta laringea ikertuz ere ahalegindu ziren beste batzuk. "Baina ez zuten baliozko emaitzarik lortzen. Orduan, barne-belarriko hezurrak ikertzea bururatu zitzaigun guri; hain zuzen ere, hezur horiek gure ahotsa, gure hitzak, entzuteko egokituta daude." Martinezen taldeak egindako lanaren arabera, ahozko hizkuntzak funtsezko informazioa ematen du 2 Hz-tik 4 kHz-ra doan maiztasun-tartean, eta gure entzumenak sentiberatasun berezia du tarte horretan. Txinpantzeek eta beste antropoide gehienek, ordea, ez omen dute berezitasun hori. Horrenbestez, alde hori kontuan hartuta eta eredu fisikoak erabilita, barne-belarrien anatomia eta entzumen-gaitasuna ikertu zituzten Atapuercako Hezurren Osineko hominidoen fosiletan. Eta ondorioztatu zuten garai hartako hominidoek gaur egungo gizakien antzeko entzumena zutela. Fosil haiek Homo heidelbergensis espezieko banako batzuenak ziren. Orain arte onartutako hipotesien arabera, espezie hori neandertalen arbasoa da, baina ez gaur egungo gizakiarena. Beraz, Ignacio Martinezek eta bere taldekideek duela ia hamar urte proposatu zuten orain Max Planckeko ikertzaileek esan dutena. Nolanahi ere, Max Planckekoek bere lana aintzat hartu izana aitortza moduko bat da Martinezentzat: "Gure ikerketa argitaratu genuenean, ez zetorren bat orduko paradigmarekin. Batetik, aditu entzutetsuenek ondorioztatu zutelako paleontologian oinarrituta ezin zela ezer frogatu. Eta, bestetik, gehiengoak onartzen zuen hitz egiteko gaitasuna zuen espezie bakarra gizaki modernoa zela. Are gehiago: gure espeziean ere duela 40.000 urte agertu zela uste zen". Martinezen iritziz, ideia horren atzean argudio hau zegoen: erregistro paleontologikoa alde batera utziz gero, erregistro arkeologikoa baino ez da geratzen, eta erregistro arkeologikoan pentsamendu sinbolikoa ondoen erakusten duen aztarna horma-artea da. "Eta duela 40.000 urte hasi zen gizakia hormak margotzen, ez lehenago", gogorarazi du Martinezek. FOXP2 genearen aldaera berbera Dena den, aditu guztiak ere ez zeuden ados horrekin, eta, azken urteotan, neandertalak hobeto ezagutzeko datuak izan ahala, orduan eta aditu gehiagok onartu dute haiek ere bazirela nolabaiteko pentsamendu sinbolikoaren jabe. Baina horrek hitzaren jabe ere egiten ditu? Martinezek oso litekeena dela uste du. "Gure ikerketa kaleratu eta urte gutxi batzuk geroago, FOXP2 geneari buruzko artikulua argitaratu zuen Krauseren eta Lalueza-Foxen taldeak. Artikulu hartan [The derived FOXP2 variant of modern humans was shared with Neandertals] , neandertalek eta guk genearen aldaera berbera dugula erakutsi zuten. Ordutik, lehen ezezkoan zeudenetako batzuk neandertalek gure antzera hitz egiten zutela pentsatzen hasi ziren", dio Martinezek. FOXP2 genea mintzatzeko ahalmenarekin erlazionatutako geneetako bat da, eta Dediu eta Levinson Max Planckeko ikertzaileek ere aipatzen dute ikerketa hori beraiek argitaratutako lanean, beste ikerketa genetiko berriago eta zabalago batzuekin batera. Guztiak aintzat hartuta, ondorioztatzen dute "berdinak ez izan arren, neandertalak, denisovarrak eta gaurko gizakiak oso antzekoak" zirela. Hala eta guztiz, onartzen dute agian neandertalek eta denisovarrek bazituztela hizkuntza modernoaren zutabe genetikoak, baina balitekeela "gizaki modernoak haiei aurrea hartu izana parametro jakin batzuetan: hitz egiteko erabilitako soinu-sortan, hizketako abiaduran, sintaxiaren konplexutasunean, hiztegiaren neurrian..." Elkarreraginaren ondorioak Dena dela, anatomiako eta genetikako datuak ez ezik, beste alderdi askotako datuak ere bildu eta aztertu dituzte Max Planckekoek, hala nola kultura eta bizimodua, populazioa eta giza taldeen neurriak, auzi linguistikoak... Azkenean, puzzle baten piezak balira bezala elkarrekin jarrita, ondorioztatu dute neandertalek eta guk "antzeko hizketa eta hizkuntzak" genituela. Horren barruan, lau balizko egoera irudikatu dituzte. Lehenengoaren arabera, guk neandertalen hizkuntzak hartu ditugu. Aukera horri ez diote sinesgarritasun handirik eman, bestela Afrikako eta gainerako hizkuntzen artean eten handia egon beharko bailuke. Bigarren egoera da neandertalek elkarrekintza txikia izan zutela gurekin, eta, izan zutenean, gure hizkuntza hartu zutela. Hirugarrengoan, hizkuntza berri bat jaioko litzateke bien arteko elkarreraginetik, baina hori ere baztergarria iruditu zaie. Laugarrena, ordea, gerta zitekeelakoan daude. Haien iritziz, bi taldeak denbora luzez egon ziren elkarrekin leku eta garai batean baino gehiagotan; horren seinale lirateke Ekialde Hurbileko arrasto ugariak. Tarte horietan, teknologiaren eta materialen trukea, batez ere, norabide bakarrekoa izan zen; gizaki modernotik neandertaletara, hain justu. Baina beste leku batzuetan, Melanesian esaterako, trukea bi norabideetan izan zen, eta, seguru asko, horrekin batera, hizkuntza ere trukatu zuten. Horrez gain, beste ikertzaile batzuen lanetan oinarrituta, iradoki dute litekeena dela Papua eta Australia aldeko hizkuntzen ezaugarri batzuk hango gizaki modernoek denisovarrekin izan zuten harremanetik eratorritakoak izatea. Eta austronesiar hizkuntzen sinplifikazioa, berriz, Homo floresiensis gizakiarekin izandako elkarreraginaren ondorio. Erantzuna eta erremedioa Martinezentzat Max Plankeko ikertzaileek egindako lana goraipagarria den arren, kritikak ere jaso ditu. Bat, argitaratu duten lekuan bertan, Frontiers in Psichology aldizkariaren webgunean. Neanderthal language? Just-so stories take center stage izenburua du kritikak, eta egile nagusia Massachusetts Teknologia Institutuko (MIT) Robert Berwick ikertzailea da. Berwickek beste bi ikertzailerekin batera sinatutako artikulua ez da luzea baina bai zorrotza. Hasieran diotenez, "Dediuk eta Levinsonek ohiz kanpoko bi aldarrikapen deigarri batu dituzte". Batetik, gizaki modernoak eta neandertalak espezie bera eta bakarra zirela; eta, bestetik, hizketa eta hizkuntza antzinakoak direla, eta neandertalen eta gizaki modernoaren arbaso komuna haien jabe zela, duela 500.000 urte. Alabaina, Berwick eta haren lankideak ez dute bat egiten Max Planckekoen interpretazioarekin, eta hiru akats leporatu dizkiete ondorio horietara iristeko egindako bidean: "azterketa hautakorra, interpretazioan zalantzazko frogak erabiltzea behin betiko oinarri gisa, eta ebidentzia ebolutiboen gabezia" gaitasun linguistiko modernoak azaltzean. Hortik abiatuta, kritikaren egileek hiru akats edo hutsune horietan sakondu dute, eta, azkenik, ondorio honetara iritsi dira: "Laburbilduz, Dediuk eta Levinsonek egindako adierazpen apartak ez dira oinarritzen aurkeztu dituzten frogetan. Are gehiago, zalantza egiten dugu ba ote dagoen inolako frogarik adierazpen horiek babesteko". Esaldi honekin amaitu dute Max Planckeko ikertzaileen lanari erantzunez argitaratutako artikulua: "Oraingoz, espekulatzeari uko egitea izan daiteke erremediorik onena". Komunikazioa ez da hizkuntza Hain zuzen, horixe da Itziar Laka Mugarza EHUko hizkuntzalariak erabili duen hitza Max Planckeko ikertzaileek argitaratutako lanari buruz iritzia eskatuta: "Espekulazio hutsa iruditu zait". Zergatia azaltzean, neurri handi batean, bat etorri da Berwicken eta beste bi lagunen erantzunarekin: "Nire iritziz, ematen dituzten frogetatik ezin da ondorioztatu haiek aldarrikatzen dutena. Adibidez, FOXP2 ez da hizkuntzarako ebidentzia. Inork ez du eztabaidatuko guk eta neandertalek FOXP2 genearen mutazio berbera dugula, eta lehenagotik datorrela. Eta badakigu soinuak ahoskatzeko abiadurarekin duela zerikusia. Baina hori ez da hizkuntza. Gauza bat da hizkuntzarako ezinbesteko baldintza izatea, eta beste bat, hori aski izatea hizkuntza izateko. Eta ez dakit ezta ezinbestekoa denik ere, ez baitakit zer zeregin duen FOXP2 geneak keinu-hizkuntzan. Gainera, badira beste gene batzuk hizkuntzarekin lotura zuzenagoa dutenak, bereziki ASPM genea, eta horiei buruz ez dute ezer esan". Barne-belarriaren frogarekin ere antzeko zerbait gertatzen dela uste du Lakak: "Eduki dezakezu belarria egituratuta maiztasun jakin batzuk bereziki ondo entzuteko, baina horrek ez du esan nahi, ezinbestean, hizkuntza bat duzula eta maiztasun horietan ahoskatzen dituzula hitzak. Izan ere, giza hizkuntza entzumenaz askoz harago doa; badira entzumenik ez baina hizkuntza baduten gizakiak. Berriz ere, beharrezko baldintzatzat har liteke gehienez, baina ez da baldintza nahikoa". Egiten dituzten beste aldarrikapen batzuk ere ebidentzia sendoan oinarritu gabeak direlakoan dago Laka, adibidez, Homo sapiens espeziea Afrikatik atera eta gero izandako aldaketez: "Esan esaten dute, baina zertan oinarrituta? ". Nolanahi ere, hutsunea hizkuntza zer den itxuratzean bertan dagoela uste du: "Hizkuntzaren fenotipoa gehienek uste dutena baino zaharragoa dela esaten dute. Oso ongi. Baina zein da hizkuntzaren fenotipoa? Hortik hasi beharko genuke. Izan ere, alde batetik komunikazioa dugu. Komunikatzeko ez dago hitzen beharrik; espezie asko komunikatzen dira hizkuntzarik gabe. Eta beste alde batetik dugu hizkuntza". Lakak azaldu duenez, giza hizkuntza guztiek dituzte hitzak, fonemak, perpausak, sintagmak... "Hori da hizkuntzaren fenotipoa, eta ez da soinuak azkar egin ahal izatea. Horrek laguntzen du, ados, eta hizkuntza, garunean, beste hamaika gauzarekin dago erlazionatuta, baina gauza horiek beharrezkoak izateak ez du esan nahi horiekin nahikoa denik". Keinu-hizkuntzaren adibidea erabiltzen du berriro: "Ahozko hizkuntzaren egitura guztiak ditu, eta ez da ahoskatzen; hortaz, FOXP2a ez da fenotipoaren erdigunea". Onartu du, dena den, artikuluak erakusten duela hizkuntza izateko behar diren aurrebaldintzak aspalditik zeudela. "Ez dago ebidentziarik, ordea, esateko hizkuntzaren jabe zirela. Gainera, badaude hizkuntzarekin estu lotutako beste aldaera genetiko batzuk, eta horiek gerora sortu dira, eta gure espeziearenak bakarrik dira". Lakaren iritziz, eztabaida guztiaren atzean bi ikuspuntuen arteko talka dago: batetik Chomskyrena, eta bestetik Max Planckeko bi ikertzaile horiena. Chomskyren arabera, neandertalek ez zuten guk bezala hitz egiten; hain zuzen, gure espeziea duela 100.000 urte inguru egin zen hizkuntzaren jabe, eta gaitasun hori bat-batean agertu zen gugan. Aitzitik, Max Planckekoek uste dute hitz egiteko gaitasuna pixkanaka joan zela agertzen, aldaketa genetikoen eta kulturalen metaketa baten ondorioz, eta askoz ere lehenagotik, duela 500.000 urtetik, hominidoek bazutela hizkuntza. "Niretzat, hor dago eztabaida honen guztiaren gakoa", dio Lakak. "Eta kontua da oraingoz ez dugula ebidentzia nahikorik egia ezagutzeko". Noiz amaituko da eztabaida? Hau da Lakaren erantzuna: "Genetika molekularraren bidez hizkuntzaren mapa genetikoa osatutakoan. Baina hori lortzetik oso urrun gaude oraindik". GORPUTZAREN ETA ADIMENAREN ISPILUAN (Argazkia: © Istockphoto.com/Kalevitamm) Zerk egiten gaitu pertsona? Filosofatzen: zenbat buru, hainbat aburu Jesús Mosterínen iritziz, pertsona ez da ezertan bereizten gainerako animalietatik. Mosterín CSICeko Filosofia Institutuko ikerketa-irakaslea da, eta Bartzelonako Unibertsitateko Logika eta Zientziaren Filosofian katedraduna. Haren ustez, pertsonok animaliak gara, eta, beraz, ez du zentzurik haietatik zerk bereizten gaituen galdetzeak. Itzultzeko zaila den adibide batekin argitzen du hori: "Es como si alguien te preguntara: ¿en qué se diferencian las vascas de las mujeres? La respuesta es en nada, porque las vascas son mujeres" (Norbaitek emakumezko euskaldunak emakumezkoetatik zertan bereizten diren galdetuko balizu bezala da. Erantzuna "ezertan ere ez" da, emakume euskaldunak emakumezkoak baitira). Dena den, Mosterínek ez du ukatzen animalia-espezieak, pertsonak barne, desberdinak direnik batzuk besteetatik: "Begi-bistakoa da eltxoak oso desberdinak direla elefanteetatik, eta haiek arranoetatik, eta arranoak labezomorroetatik. Baina animalia guztiek ezaugarri komunak dituzte, eta haiei buruz esan daitekeen guztia esan daiteke gure espezieaz ere. Izan ere, denok ahaidetuta gaude, eboluzioan arbaso berbera izan dugu, eta bi espeziek zenbat eta belaunaldi gutxiago egin behar izan arbaso komuna izateko orduan eta hurbilagoko ahaideak izango dira". Hala, giza espezieak gainerakoek ez dituzten ezaugarri batzuk ditu: bi oinetan ibiltzen da, hitz egiteko ahalmena du, teknologia sortu eta erabiltzen du, pentsamendu abstrakturako gaitasuna du... Hala ere, Mosterínen ustez, ezaugarri horiek ez dira erabakigarriak espezie gisa bereizteko. "Erleek eztia egiten dute, eta armiarmek, sareak. Hau da, guk gure berezitasunak ditugun bezala, beste espezieek berenak dituzte, baina espezieak ez dira horien arabera bereizten. Berez, ugalketak bereizten ditu espezieak: bi populazio elkarren artean gurutzatzeko eta ugaltzeko gai badira espezie berekoak dira. Eta kito." Adibideak ere ematen ditu; esaterako, zakurrak eta otsoak espezie berekoak dira, elkarren artean gurutza daitezkeelako eta ondorengoak izan ditzaketelako. "Baina ni otseme batekin maitemintzen banaiz ere, ezin dut ondorengorik izan harekin. Eta hori ez da hizkuntzagatik, teknologiagatik eta aipatzen diren beste kontu horiengatik, baizik eta ezin dugulako ugaldu. Gainera, espeziearen definizioaren muinean dago gurutzatu eta ugaldu ahal izatea". Gure-gureak omen direnak Pertsona gainerako espezieetatik bereizten duten beste ezaugarri batzuk ere ez zaizkio inondik inora erabakigarriak iruditzen Mosteríni. Esaterako, beste filosofo batzuek esan dutenaren aurka, Mosterínentzat ez da egia niaren kontzientzia berariazkoa dugunik, frogatuta baitago beste animalia batzuek ere badutela beren buruaren kontzientzia. "Hori ispiluaren esperimentuarekin baieztatzen da. Esperimentu horretan, animalia bat ispilu aurrean jartzen da, eta aurretik orban bat jartzen zaio animaliari, kopetan, adibidez. Animalia orbana garbitzen saiatzen bada, esan nahi du bere burua ezagutu duela". Ikertzaileek espezie askorekin egin dute Mosterínek aipatutako esperimentua, eta ez dago inolako zalantzarik txinpantzeek eta beste primate askok beren burua ezagutzen dutela; alegia, niaren kontzientzia dutela. Primateez gain, beste espezie batzuek ere erakutsi dute ahalmen hori, esaterako, mikak. Heriotzaren kontzientziari buruz ere antzeko iritzia du Mosterínek. Hain zuzen, sarritan esan izan da gurea dela bere hilkortasunaz jabetzen den espezie bakarra. Mosterínek ukatu egiten du, eta elefanteak jartzen ditu adibidetzat: "Elefanteek heriotzaren kontzientzia nabarmena dute. Larritasun handiko egoera batean daudenean, esaterako, lehorte gogor batek jo eta beste norabait doazela taldeko bat hiltzen bada, gainerakoek itxaron egiten diote, eta egun batzuk ematen dituzte hura zaintzen. Hildakoa utzi baino lehen, hostoz eta lurrez estaltzen dute. Eta berriro igarotzen badira handik, hostoak kentzen dizkiote, galdutako laguna dela baieztatzearren". 2008an, Alemaniako Goethe Unibertsitateko zoologoek papertxo bat itsatsi zioten lumetan mika bati, eta ispilu aurrean jarri zuten; mikak, bere burua ikusita, papera kendu zuen. Ordura arte, ikertzaileek uste zuten ugaztun batzuek bakarrik dutela bere burua ezagutzeko gaitasuna. Arg. : Phil McIver/Creative Commons/Aitortu eta partekatu baimen beraren arabera/ez merkataritzarako. Bestalde, erlijioak edo sinesmenak izatea gure espeziearen berezitasuntzat jotzen dute askok. Horretan ere, bestela pentsatzen du Mosterínek. Haren esanean, pertsonok ideiak izaten ditugu, eta hitz egiteko eta idazteko ahalmenari esker ideia horiek transmititzeko gaitasun izugarria dugu. "Ideia horiek, baina, onak edo okerrak izan daitezke. Beste adibide bat: 13 zenbakia. Batek esan dezake 13 zenbaki lehena dela, eta hori egia da, eta froga daiteke. Beste batek esan dezake 13a adur txarrekoa dela, eta hori okerra da. Baina, okerra izan arren esan daiteke, eta orduan gertatzen da transmititu egiten dela, eta, hala Estatu Batuetan badira 13. solairurik ez duten etxeak edo 13. gelarik gabeko hotelak". Erlijioekin gauza berbera gertatzen dela uste du. Azaltzen duenez, erlijio asko daude, bakoitza bere mitoekin, bere ideiekin, eta batzuk besteekiko kontrajarriak diren gauzekin, eta, talde bakoitzaren barruan, iraunarazi eta transmititu egiten dituzte. Pertsona asko talde horietakoren batean dagoela aitortzen du Mosterínek, baina ez du onartzen espeziearen berezitasuna denik: "13a adur txarrekoa dela uste duen jende asko dago, baina beste askok ez dute hori uste. Bada, erlijioekin, berdin. Batzuk kristauak, musulmanak edo erlijio animistakoak dira, eta beste batzuk, berriz, ateoak". Gure espeziearen barruan sinesmen-barietate handia dago; Mosterínen ustez, horrek berak erakusten du sinesmen bat bera ere ez dela espeziearen berariazkoa: "Izan ere, zerbait pertsonaren naturaren parte denean, denontzat komuna da, hala nola bi oinetan ibiltzea eta hizkuntza edo birikak izatea. Aitzitik, erlijioak eta halakoak ez dira guztionak". Berezia eta nagusia Beste filosofo batzuek oso bestelako ikuspuntua dute gaiari buruz. Alvaro Moreno zientziaren filosofiaren irakaslea da EHUn, eta haren esanean "ez dago zalantzarik pertsonok eta animaliak desberdinak garela; erabat diferenteak gara". Bereizten gaituzten ezaugarrien artean, zibilizazioa, kultura, gure eboluzioaren abiadura --ez baitago soilik biologiari edo genetikari lotuta--, hizkuntza, garunaren garapena eta gainerako espezieen gaineko nagusitasuna aipatzen ditu Morenok. Zaila egiten zaio, hala ere, horien artean bereziena aukeratzea: "Bata bestearekin elkarrekintzan daude asko, eta, beraz, ez da erraza esatea zein den bereziena, berariazkoena". Morenok azaltzen duenez, filosofo greziarrentzat arrazionaltasuna zen gure espeziearen muina. "Baina, zer esan nahi du arrazionala izateak? Ez dago garbi. Haiek diskurtso arrazoitua egiteko ahalmena aipatzen zuten, eta horretarako hizkuntza behar da. Eta zer esan nahi da zehazki hizkuntzarekin? Beste animalia askok ere badute komunikatzeko gaitasuna, baina geuk bakarrik dugu hizkuntza. Gainera, gure espeziearen barruan ere, hizkuntzak bilakaera bat, eboluzio bat, izan du; esaterako, idazkeraren sorrera mugarri bat da. Bestalde, hizkuntza garunaren garapenaren kausa edo ondorioa da?" Hizkuntzaz gain, teknologia sortzeko ahalmena eta teknologia horrekin beste tresna teknologiko batzuk garatzeko gai izatea ere berezkotzat jo dezakegu, Morenoren iritziz. Teknologia horri esker, gure arteko harremanak aldatu dira, eta mundua gure interesen arabera moldatzeko gai izan gara. Horrek ondorioak ekarri ditu, "horrek eta gure nagusitasuna ulertzeko moduak". Hain zuzen ere, Morenok ez du zalantzarik gainerako espezieak baino boteretsuagoak garela, baina, haren ustez, ez dugu botere hori era adimentsuan erabili. Esaterako, ekosistemen arteko oreka hautsi dugu, eta, orain biodibertsitateari balioa ematen ikastea, neurri batean, apaltasun-kontua izan daiteke, baina, batez ere, kontzientzia-kontua da. Ezinbestekoa iruditzen zaio biodibertsitatea zaintzearen garrantziaz jabetzea. Hori bai, ez du uste erraza izango denik erabaki globalak hartzea etorkizunean norabide adimentsu batean joateko. "Ez dut pesimista izan nahi, baina zaila da baikorra izatea". Oraindik ez gara gizaki? Eudald Carbonell arkeologo, antropologo eta paleontologoak ere sakon aztertu du gaia, eta beste erantzun batzuk topatu ditu. Besteak beste, aldarrikatzen du oraindik ez garela gizaki, pertsona. Azaltzen duenez, pertsona bilakatzea eboluzio-prozesu bat da; oraindik martxan dago, eta alderdi biologikoek eta kulturalek eragina dute horretan. Bada, eboluzio kulturala biologikoari gailentzen zaionean, orduan burutuko da gizatiartze-prozesua. Carbonellentzat, Morenorentzat bezala, pertsona bada gainerako animalietatik desberdina. "Horretan badira hainbat faktore gako, hala nola teknologiaren sozializazioa, hizkuntza, ezagutza eta pentsamendua. Hain zuzen, teknologia sozializatuak eta prozesu horri lotutako hizkuntzak autokontzientzia sustatzen dute. Aldi berean, kontzientzia eragileak, hau da, adimenaren eta espeziearen kontzientziak, gizaki egiten gaitu". Espeziearen etorkizunari buruz ere ikuspuntu interesgarria du Carbonellek. Haren esanean, gure espeziea hazkunde esponentzial konbergentea izaten ari da, eta aurreikus daiteke harreman sozialen areagotzeak eta konplexutasunak kolapsora eramango gaituztela. "Gure espezieak sistema berri bat ezartzen duen bakoitzean, metabolizatu egin behar du aldaketa. Iraultza zientifikoaren eta teknikoaren ondoren, oraindik ez du egin, baina, gertatutakoan, espeziearen kolapsoa ekar dezake. Hori mende honetan gerta daiteke". Kolapsoaren ondorioak ere iragartzen ditu: "Ondoren, gure espeziea beste era batera sozializatuko da, transgizatiartzearen bezpera izango da". Argi dago gaiak zer pentsatua ematen duela. Arg. Benjavisa Ruangvaree/Shutterstock.com Gorputza ere bagara “Pentsatzen dut; beraz, banaiz”, esan zuen Descartesek. Eta zabalduta dago pentsatu buruarekin pentsatzen dugula. Hortik dator gure izatea garunaren baitan dagoelako ustea. Baina ez gara garuna soilik, gorputzak ere egiten gaitu, eta uste dugun baino neurri handiagoan, agian. Esate baterako, hizkuntzaren ulermenean eta sentipenetan eragiten du, baita oroimenean ere. Gorputza ere bagara. Egunerokoan, hizkuntzaren eta gorputzaren artean harreman estua dagoela erakusten duten esapideak erabiltzen ditugu. Adibidez, joera dugu moralki ona dena goian kokatzeko, eta txarra edo gaiztoa, behean. Aldarte onean gaudenean, pozak gainezka egiten digu, eta goiari eutsi nahi diogu; triste gaudenean, berriz, lur jota, hondoak jota gaude, depresioan erortzeko arriskuan. Etorkizuna aurrean irudikatzen dugu; iragana, berriz, atzean. Txiki sentitzen gara miresten dugun norbaiten aurrean; handi, menderatzen dugunaren parean. Horrelako metaforek agerian uzten dute gure gorputza erdigunetzat hartzen dugula emozioez eta kontzeptu abstraktuez hitz egitean. Pentsamendua eta hizkuntza ez dira jarduera mental hutsak; gorputzak ere parte hartzen du prozesu kognitibo horietan. Hain zuzen, azken urteotan, neurozientzialariak aztertzen ari dira zein neurritan eta nola eragiten duen gorputzak halakoetan. Ekintza eta hitza Ezagunak dira, adibidez, ekintzaren eta esaldiaren bateragarritasun-efektua frogatzen duten esperimentuak. Haietako batean, boluntarioei eskatzen zitzaien palanka bat erakartzeko, ikertzaileek emandako esaldiaren esanahia ulertutakoan. Bada, lehenago erakartzen zuten palanka esaldia ere norberarenganakoa zenean (“Lizek istorio bat kontatu dizu”), kontrako norabidean zenean baino (“Zuk kontatu diozu istorioa Lizi”). Bigarren esaldi horrekin, kontrako joera agertzen zuten boluntarioek; hau da, palanka aldentzeko joera izaten zuten, eta, beraz, denbora gehiago behar zuten esaldia ulertu eta palanka erakartzeko, esaldiaren norabidea ekintzarenarekin bat zetorrenean baino. Neuroiruditeriaren bitartez ere frogatu dute ekintzaren eta esaldiaren bateragarritasun-efektua. Lehendik ere bazekiten ekintza bat azaltzen duen esaldi bat entzutean, garunean, hizkuntzaren ulermenarekin lotutako guneak ez ezik, ekintzarekin lotutakoak ere aktibatzen direla. 2013an, pauso bat harago joan, eta bateragarritasun-efektua neurtu zuten. Boluntarioei ekintzarekin erlazionatutako potentzialak neurtu zizkieten elektrodoak jarrita, eta ikusi zuten potentzial horietan uhin berezi bat agertzen dela esaldia eta ekintza ez direnean bat etortzen. Uhin hori, N400 izenekoa, ez da azaltzen esaldia eta ekintza bateragarriak direnean. Ekintzetatik emozioetara Behar bada, ez da hain harrigarria gorputzak eragina izatea ekintzekin lotutako esaldien ulermenean. Azken finean, gorputzarekin egiten ditugu ekintza horiek. Zer gertatzen da, baina, emozioekin lotutako esaldiekin? Horien ulermenean ere eragiten al du gorputzak? Erantzuna baiezkoa da. Hori erakusteko, esperimentu erraz bat egin zuten hiru ikertzailek (Havas, Glenberg eta Rinck), arkatz bat erabilita. Boluntarioek arkatza horizontalean edo bertikalean eutsi behar zuten ahoarekin. Arkatza horizontalean jarrita, irribarrearen antzeko keinua lortzen zuten; bertikalean jarrita, berriz, goibela keinua. Arkatza era batera zein bestera ahoan zutela, eduki emozionala zuten esaldi batzuk irakurri behar zituzten. Eta frogatu zuten boluntarioek azkarrago irakurtzen eta ulertzen zutela esaldia, azaltzen zuen emozioa bat zetorrenean aurpegiko keinuarekin. Ikertzaileek ispilu-neuronekin lotu zuten emaitza. Izan ere, enpatiaren oinarrian dago ispilu-neuronen sistema; haren bidez, aurpegiko emozio-keinuak imitatzean, emozioarekin lotutako guneak aktibatzen dira garunean. Keinuen eta esanahien arteko erlazioa erakusten duen beste adibide esanguratsu bat ere aipatu zuten egileek arkatzaren ikerketa hartan: beste ikertzaile batzuek erakutsi zuten boluntarioek errazago ulertzen zutela “maitasun” hitza aldi berean besoak biltzea eskatzen bazitzaien, besoak luzatzea eskatzen bazitzaien baino. Eta alderantziz: errazago ulertzen zuten “gorroto” hitza besoak luzatuta, bilduta zituztenean baino. Arkatzarekin, berdin: azkarrago irakurri eta ulertzen zuten “Fakultateko lehendakariak zure izena esan du, eta harro igo zara oholtzara” arkatza ahoan horizontalean zutenean, bestela baino; eta alderantzizkoa gertatzen zitzaien beste esaldi honekin: “Polizia-autoa zure atzetik doa, ziztu bizian eta sirena joz”. Botoxa, emozio-galarazle Aurreko esperimentuek argi uzten dute gorputza funtsezkoa dela emozioak eta pentsamenduak ulertzeko. Orduan, zer gertatuko litzateke emozioak fisikoki adieraztea galaraziz gero? Hori ikusteko, botoxa erabili zuten Havasek eta bere taldekideek 2010ean egindako ikerketa batean. Ikerketaren izenburuak dena dio: Toxina botuliniko-Aren erabilera kosmetikoak hizkuntza emozionalaren prozesamenduan eragiten du. Esperimentuaren parte-hartzaileak tratamendu kosmetiko bat egiten ari ziren 41 emakume izan ziren. Guztiek botoxa injektatu zuten begitartea uzkurtzea eragiten duen muskuluan, kopetako zimurrak leuntzeko. Horrenbestez, ezin zuten kopeta belztu. Ikertzaileek esaldi batzuk irakurrarazi zizkieten, botox-injekzioa jaso baino bi aste lehenago eta bi aste ondoren (botoxaren eragina handiena den unea), eta emakumeek botoi bati sakatu behar zioten, esaldiaren esanahia ulertutakoan. Esaldiok haserrea, poza eta tristezia azaltzen zuten. Espero bezala, esperimentuaren emaitzek erakutsi zuten aurpegiarekin emozioa adieraztea ezinbestekoa dela eduki emozionala duten esaldiak lehen kolpean ulertzeko. Emakumeek, botoxa injektatu ondoren, aurretik baino denbora gehiago behar zuten esaldiak ulertzeko, bereziki, esanahi tristea zutenak. Esperimentu horretatik, ikertzaileek ondorioztatu zuten elkarrekintza zuzena dagoela gorputzaren eta hizkuntza emozionala prozesamenduan. Gainera, elkarrekintza hori bi noranzkotakoa da; hau da, hitzek emozioak sortzen dituzte, eta emozio horiek eragina dute prozesu kognitiboetan. Hori oso garbi geratzen da, adibidez, kirolariei ematen zaizkien animoetan; hain justu, helburu hori dute entrenatzaileen eta zaletuen adore-hitzek. Gorputza, oroimenaren giltza Gorputzaren eragina, ordea, ez da hizkuntzara mugatzen. Loretxu Bergouignan neurozientzialaria, esaterako, orain BCBL zentroan dabil lanean, hizkuntzarekin lotutako ikerketa batean, baina aurretik Stockholmen aritu da, Karolinska Institutuan, gorputzak oroimenean duen eragina ikertzen. Tesia egiten ari zela ohartu zen esparru hori irekitzeko beharraz. Tesian estres metatuak bizipenen oroimenean eta garunean zer eragin zuen ikertzea zuen helburu. Azaldu duenez, ikusi zuten trauma-osteko estresa duten pertsonek, baita depresioa dutenek ere, suntsitua dutela haien biziari lotutako oroimen episodikoa, iraganeko gertaerak berriro biziko bagenitu bezala gogora ekartzen dizkigun oroimen-mota hori. “Oroitzapenen oroimena, hau da, oroimen autobiografiko episodikoa”, zehaztu du Bergouignanek. ”Haiekin ikertzen ari nintzela, ikusi nuen hor hipokanpoa inplikatua zela”. Hori bereziki interesgarria iruditu zitzaion. ”Aspaldian ulertu nahian nabil zer gertatzen den torturak edo halako bizipen traumatikoak izatean, nola integratzen dugun bizipen hori, eta zer eragin duen”. Bizipen larrien ondorioz datozen psikopatologietan (depresioa, trauma-osteko sindromea) hipokanpoak berebiziko garrantzia zuela ohartu zen. Hurrengo pausoa, trauma metatuak izan arren psikopatologiarik ez zuten pertsonetan zer gertatzen zen aztertzea izan zen. Hala, bularreko minbizia gainditu zuten emakume osasuntsuak ikertu zituen. Hamasei emakume ziren, denak ere bularreko minbizia izandakoak, baina tratamenduari ondo erantzun ziotenak, osasuntsuak, eta bizitako estres metatuaren ondoriozko asaldurarik ez zutenak, ez trauma-osteko estresik, ez depresiorik. Minbizia izan ez zuten beste 21 emakumek ere parte hartu zuten, kontrol gisa. Ikerketak erakutsi zuen minbizia gainditu zutenek hipokanpo txikiagoa zutela beste emakumeek baino (bataz beste, % 8ko bolumen-galera zuten). Horrekin batera, kontrolekoek baino gaitasun eskasagoa zuten bizipen autobiografiko negatiboak gogoratzeko (% 20 gutxiago gogoratzen zuten). Edonola ere, bi taldeek oroitzen zituzten hobeto bizipen baikorrak txarrak baino. Bergouignanen esanean, “horrek erran nahi du hipokanpoa txikitzea ez dela psikopatologia baten ondorio; estres metatuan badela zerbait oroimen-sistema hunkitzen duena. Estresa bera bizitzea, eta, behar bada, horri erantzuteko erabiltzen ditugun bideak izan litezke horren erantzuleak”. Hortik sortu zen hurrengo galdera: ea horretan parte hartzen duen gorputzak. “Azken finean, oroitzapenak gorpuztuak ditugu, baina hori ez da oraindik ikertua. Klinikan bai, badakigu, zenbat eta disoziazio handiagoa, orduan eta trauma-osteko estres handiagoa; baina klinikatik kanpo, eritasunik ez dagoenean, ez dago ikertua. Hori nahi nuen ikusi: zer harreman dagoen gorputzaren eta oroimenaren artean, zer funtzio duen gorputzak iragazki gisa”. Hain zuzen, pentsamenduen, oroimenaren eta norbere izatearen edo autobiografiaren arteko bereizketa edo etena da disoziazioa, eta beste kasu batzuetan ere gertatzen da, adibidez, nortasunaren mugako asaldura dutenetan. Gorputzetik kanpo Gorputzak iragazki gisa duen funtzioa aztertzeko, pertsona gorputzetik kanpo kokatzen zuen esperimentu bat diseinatu zuen. Esperimentu horietan, errealitate birtualeko teknikak erabiltzen dituzte pertsonari sentiarazteko bere gorputzetik kanpo dagoela. Horretarako, betaurreko batzuk jartzen dizkiote pertsonari, eta, haien bidez, bere burua ikusten du, ingurune batean. Orduan, gorputza ukitzen diote makila batekin. Aldi berean, bere burua ere makilaz ukitzen dutela ikusten du. Horrenbestez, ikusmenaren eta ukimenaren sinkroniarekin, bere garunak interpretatzen du ikusten duen hura dela bere gorputza; alegia, bere gorputzetik kanpo dagoela sentitzen du. Bergouignanek metodo hori baliatu zuen ikusteko ea berdin integratzen diren bizipenak norbera bere gorputzean dagoenean eta gorputzetik kanpo dagoenean. Zehaztu duenez, gogoratu beharreko egoera ere kontrolpean zuen; hau da, berariaz sortu zuen laborategian: “Bestela, beti ari gara aztertzen zer gogoratzen duen pertsonak iraganean izan den gertakizun bati buruz; baina gertakizuna ezagutu gabe. Esperimentuan, dena guk sortua zen. Aktore batek boluntarioari azterketa moduko bat egiten zion, gidoi bati jarraituta. Irakasle oso bitxi baten rola jokatzen zuen, eta benetako bizipenak sortzen zituen. Hala, nik banekien zer gertatu zen, eta, gero, galderen bidez, ikus nezakeen zenbateraino gogoratzen zuten gertatutakoa boluntarioek”. Boluntarioek beren gorputzaren barruan eta kanpoan zeudela egin zuten azterketa faltsu hori, eta, astebete geroago, ahalik eta xehetasun gehienekin kontatu behar zuten horri buruz gogoratzen zutena. “Jakin nahi genuen ea gogoratzen ziren detaileekin, alegia, berriz bizi ote zuten gertaera hura (oroimen episodikoa); edo bazekiten zer gertatu zen, baina ez zuten testuingurua oroitzen (oroimen semantikoa); edo ez zekiten eta ez ziren gogoratzen”. Oroimen episodikoa eta semantikoa Oroimen episodikoa eta semantikoa bereizteko, adibide bat eman du Bergouignanek. “Gure oroimen autobiografikoan, elementu semantikoak eta episodikoak ditugu. Hala, zuk badakizu zein den zure izena, baina ez zara oroitzen izen horrekin deitu zizuten lehen aldiaz. Hori jakitate bat da, semantikoa. Aldiz, gertatu den zerbait oroitzean berriro bizi baduzu, emozioak eta guzti, hori episodikoa da, eta hipokanpoaren guztiz menpekoa”. Esperimentu hartan ohartu ziren kanpotik bizitakoa semantizatuta zutela. Askoz episodiko gehiago zuten, barrutik bizi izan bazuten. “Hori portaeraren aldetik. Horrez gain, beste talde bat eskaner bidez aztertu genuen. Gure hipotesia zen, gorputzetik kanpo zaudelarik, ari zarela blokeatzen informazioa sartzea hipokanpoan”. Hain zuzen, azaldu duenez, hipokanpoak asoziazio-lana egiten du, eta garuneko guneak konektatzen ditu, koherentzia sortzeko. Hortaz, gorputzetik kanpo egotean, ez lirateke sortuko konexio horiek. “Bada, eskanerrak erakutsi zuen aldatzen zen gune bakarra justu hori zela, hipokanpoa, eta, zehazki, trauma-osteko estresean, depresioan, eta psikopatologia gabeko estres metatuan txikitzen den hipokanpoaren zati berbera”. Bergouignanek aitortu duenez, irudi hori ikusi zuenean, “harritu” egin zen, gorputzetik kanpo ala barruan egon, hipokanpoaren zati hura baitzen aldatzen zen bakarra. “Hori ez da askotan gertatzen”, baieztatu du. “Berez, gune asko daude inplikatuta gure izateari lotua den sisteman, eta denak lotuta daude hipokanpoarekin batera gertaera pertsonaletaz oroitzean. Baina zati jakin horretan baino ez zegoen aldea”. Dioenez, ikerketa “abiapuntu polita” zen ulertzeko zer gertatzen zen gorputza eta oroimenaren artean, “baina hasiera besterik ez da”. Oroitzapen intrusiboak Bestalde, azaldu du hipokanpoa oso aktiboa dela zerbait lehen aldiz gogoratzean; “bigarren aldiz gogoratzean, aktibitate txikiagoa du; eta hirugarrenean, laugarrenean... geroz eta txikiagoa. Hori bagenekien. Beraz, begiratu genuen ea zer gertatzen den errepikapenarekin. Hori zen galdera”. Eta erantzuna, horra: “Guztiz kontrakoa gertatzen da gertaera kanpotik bizi baduzu edo barrutik. Kanpotik bizi duzunean, lehen aldiz aktibitaterik ez da hipokanpoan, baina errepikapenekin, aktibatzen da. Badirudi hipokanpoan oroimen-sistema koherentzia baten bila ari dela etengabe. Beharbada, eta hau beste hipotesi bat da, errepikapenekin datorren aktibazioa oroimen intrusiboetan gertatzen denaren idurikoa da. Bat-batean eta zuk aukeratu gabe etortzen zaizkizun horiek dira oroimen intrusiboak, eta agian horiek datoz informazioa ez delako sartu kohesionatuta, eta sistema saiatzen da horiek integratzen etengabe”. Hortaz, Bergouignanen ustez, hau da azalpena: “Gorputzetik kanpo egotean, zure izatearekin lotutako gune guztiak aktibatzen dira, hipokanpoa izan ezik. Beraz, informazioa ez da lotua. Hipotesia da: hasieran, eskatzen duzunean oroitzeko, ez da ezer lotua, hortaz hipokanpoa ez da aktibatzen; baina, gero, nola beti bilatzen duen zerbait koherentea, saiatzen da lotzen egoeraren elementuak elkarri. Hortik etorriko lirateke oroitzapen intrusiboak. Hori da ondorioztatu dugun hipotesia, errepikapenekin hipokanpoa aktibatu egiten dela ikusita”. Ihes egitea, kalterako Bergouignanen arabera, oraindik gauza asko daude frogatzeko. Adibidez, torturak, bortxaketak eta halako bizipen bortitzak izan dituztenen traumak arintzeko, badira gorputzari lotutako terapiak, baina haien nondik norakoak ez dira frogatu zientifikoki. Hala ere, badu hipotesi bat. Bergouignanen esanean, halako egoerak gertatzen direnean, gorputzaren disoziazioa egokitzapen gisa hartzen da, eta uste da egokitzapen horrek on egiten duela. “Guk aurreiritzi hori faltsua dela erakutsi dugu, frogatu baitugu egokitzapen hori luzera txarra dela. Beraz, batzuek estrategia modura erabiliko dute disoziazioa; pentsatuko dute hau ez da nire biziaren parte, ez nago hemen. Baina justu alderantziz jokatu beharko genuke, eta, zailtasunean ere, ahalik eta presenteena egon. Ihes egiteak kaltea ekarriko baitu”. Arg. Manu Ortega /CC BY-NC-ND 45 garun eta bihotz baten arrastoa Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek urteak daramatzate Gerra Zibilean hil eta hobietan desagerrarazitakoen gorpuak lurpetik ateratzen. 2010ean ere horretan ari ziren La Pedrajan (Burgos). Ohi bezala, Paco Etxeberria Gabilondo auzitegi-mediku, antropologo eta ikertzailearen gidaritzapean ari ziren lanean. Halako batean, Fernando Serrulla Rechi deitzea erabaki zuen. Hura ere auzitegi-medikua eta Aranzadiko kidea da, eta saponifikazioan aditua, besteak beste. Horregatik deitu zion Etxeberriak: lurpetik ateratzen ari ziren garezurretako batzuen barruan, arrasto berezi batzuk topatzen ari ziren. Garunak izan zitezkeen. Hala baieztatu zuen ikerketak: saponifikazio-prozesuari esker kontserbatutako garunak ziren; 45 guztira. Eta haiekin batera, bihotz bat. Serrullaren esanean, ohiz kanpoko aurkikuntza izan zen: “Ez da hain arraroa saponifikatutako garun bat agertzea. Munduan, badira beste 400 inguru dokumentatuta. Baina inoiz ez ziren aurkitu hainbeste batera. Egin kontu: 1936ko udan, 104 gorpu sartu zituzten hobi hartan, eta ia erdien garunak saponifikatu ziren. Bihotzarena, berriz, apartekoa da; ez da beste kasurik ezagutzen beste inon”. Orduko hartan, saponifikazioa ahalbidetu zuten zenbait fenomeno gertatu ziren. Hala azaldu du Serrullak: “Gorpuetan saponifikazioa gertatzeko, ezinbestekoa da ura egotea. Eta 1936ko uda hura euritsua izan zen oso. Hobia igerileku baten modukoa izango zen, beraz. Eta urak gorpuak usteltzea eragozten du”. Beste egoera batzuetan, justu kontrakoa gertatzen dela gogorarazi du. Hain zuzen, hezetasuna oso txikia den lekuetan, gorpuak momifikatuta agertzen dira, deshidratatuta: “Egiptoko momiek gaur arte iraun badute, ez da izan soilik gorpuei egindako tratamenduengatik, baizik eta hezetasun oso txikiak eta tenperatura altuek eragindako deshidratazioarengatik. Hortaz, ehunak ez dira usteltzen, usteltze-prozesua hasi aurretik deshidratatzen direlako, eta batzuetan garuna ere kontserbatzen da”. Saponifikazio-prozesua Gorpuak uretan daudenean ere usteltzea zergatik eragozten den esplikatu du jarraian: “Gorputzaren % 60-70 ura da. Gorpu bat bainuontzi batean sartuz gero, ehunek ura galtzea eragozten da. Horren ondorioz, asko moteltzen da usteltze-prozesua. Garuna, berriz, % 60 gantza da. Uretan hidrolizatu egiten da, eta gantz-azidoak geratzen dira”. Hobi hartan lurperatu zituzten asko buruan tiro emanda hil zituztela zehaztu du Serrullak; hala, alde batetik, garunak babestuta zeuden garezurraren barruan, baina, bestetik, urak haietara iristeko bidea izan zuen. Eta garuneko gantz-azidoen eta lurreko sodio eta kaltzioaren artean, saponifikazio-prozesua gertatu zen. Serrullak xehe azaldu du prozesua: “Gorputzeko gantzak triglizeridoak dira, hau da, glizerol-molekula bat, hiru gantz-azidorekin. Triglizeridoak uretan denbora luzez badaude, hidrolisi bat gertatzen da, eta gantz-azidoen loturak askatu egiten dira. Horrenbestez, batetik glizerola geratzen da, eta, bestetik, gantz-azido askeak. Gantz-azido askeak katioiren batekin nahastuz gero, esterrak sortzen dira. Eta lur guztiek dute kaltzioa, baita kare gutxikoek ere, Galiziakoak kasurako. Eta sodioa ere badute”. Xaboia egitearekin parekatu du: “Xaboia egiteko, olioa eta soda kaustikoa nahasten dira; alegia, azido oleikoa eta sodioa. Emaitza xaboia da. Bada, gauza bera gertatu zen han”. Bihotz bat Geroztik, ohartu dira lurperatutakoen garunak saponifikatzea ez dela hain fenomeno arraroa; beste leku batzuetan ere ari dira aurkitzen halakoak, adibidez, El Carmen hilerriko hobian (Valladolid) edo Villabasta de Valdavian (Palencia). Aitzitik, bihotza saponifikatuta azaltzea ezohikoa da guztiz. Izan ere, bihotzak ia ez du gantzik; berez, ehun muskularra da. Serrullaren ustez, bihotz haren jabeak gaixotasun baten ondorioz zuen gantza bihotzean. “Gaixotasun genetikoren bat izango zuen. La Pedrajako 14 banakoa da, eta haren garuna ere kontserbatuta dago. Agian tesaurismosi bat zuen. Behin kasu bat ezagutu nuen, autopsia batean, eta bihotzak gibel gantzatsu bat zirudien. Horrelakoetan, bihotzak hainbeste gantz du infiltratuta, ezen muskulua baino gantz gehiago baitu”. Serrullak aitortu du bihotz hura sakonago ikertzea gustatuko litzaiokeela, baita beste alderdi batzuk ere, hala nola, azterketa histologiko, kimiko eta genetikoak. Berez, 2016an argitaratu zuten Serrullak eta haren kideek organo haien gaineko lehen ikerketa (Science and Justicealdizkarian), eta gustura jarraituko lukete ikertzen, baina ez dute diru-laguntzarik horretarako. Ikerketaren printza batzuk Argitaratutako artikuluan zehazten denez, diziplinarteko ikerketa izan zen. Hala, auzi-antropologoekin batera, arkeologoak, odontologoak, patologoak, historialariak, gizarte-antropologoak, osteoarkeologoak, biologoak, psikologoak, argazkilariak, geofisikariak eta zenbait arlotako boluntarioak aritu ziren lanean. Datu historikoen artean, testuinguruaren berri ematen dutenak jaso dituzte artikuluan: hildako gehienak altxamendu faxistari aurre egin zieten gizonezko gazteak ziren. Asko, buruan tiro emanda hil zituzten, ez hobiaren ondoan, baina ezta handik urruti ere. Txanda batean baino gehiagotan hobiratu zituzten, eta zulora botatzerako odol asko galdua zuten. Ikertzaileen iritziz, horrek saponifikazioa erraztu zuen: garunek odolik ez izateak atzeratu egin zuen usteltzea, eta saponifikazioa gertatzea lagundu, bereziki ura iritsi zelako garunetara, katioiekin nahasita. Ondorio horietara iristeko, hiru garun aztertu zituzten (ondoen kontserbatutakoak), era askotako analisien bidez: makroskopikoa, histologikoa, erradiologikoa, kimiko-toxikologikoa, eta genetikoa. Horrez gain, lurraren analisi kimikoa egin zuten, eta 3Dko ereduak ere egin zituzten. Lurrari buruz, artikuluan aipatzen da buztintsua dela, iragazgaitza, eta, gorpuak hobiratu zituzten tartean (1936ko uztailetik azarora), urez beteta izango zela. Zenbat euri egin zuen ere nabarmentzen da: Atapuercan dago handik gertueneko estazio meteorologikoa, eta, Serrullak esan bezala, uda eta udazken haiek bereziki euritsuak izan ziren: uztail hartan ohi baino zazpi aldiz euri gehiago egin zuen. Hala, garunak saponifikatuta geratu ziren. Artikuluan jartzen du zer itxura zuten lurpetik ateratzean: “Masa haien kolorea, ehundura eta usaina inguruko lurrarenaren antzekoak ziren. Garuneko tolesdurak eta beste egitura nagusi batzuk gorde zituztelako bereizten ziren, nahiz eta bolumenaren % 20-30 galdua zuten. Gehienak ukitu gantzatsua zuten, baina batzuk lehortuta zeuden. Asko eta asko zatituta zeuden, eta batzuek balen hondarrak zituzten. % 30 inguruk bi hemisferioak zituzten, eta gutxi batzuek baita zerebelo-zatiak ere”. Xehe aztertutako hiru haietako batean, hil aurretik eragindako hemorragia bat ere identifikatu zuten. Jasandako tortura edo indarkeriaren ondorio izan zitekeela aipatzen dute. Atea zabaltzeko giltza Saponifikatutako garunek inguruko lurrarekin duten antza dela eta, Serrullari ez zaio harritzekoa iruditzen beste leku batzuetan, halakoren bat egon arren, inor ez ohartzea, “lur-zatitzat hartuta”. Harrezkeroztik, ordea, “begiak zabaldu” zaizkie, eta erreferente ere bihurtu dira. Serrullak aitortu duenez, aztarnategietan lanean ari direnek kontserbatutako garun bat izan daitekeena topatzen badute, deitu egiten diote: “Kasurik aipagarriena Erromako katakonba batzuena da. II. mendekoak dira, eta duela dozena bat urte aurkitu zituzten. Hainbat unibertsitate dabiltza ikertzen hango arrastoak; hain zuzen, 20.000 gorpu baino gehiago topatu dituzte, bata bestearen gainean pilatuta. Nonbait, izurrite baten ondorioz hil ziren, eta denak batera hobiratu zituzten. Bada, askok garuna kontserbatu dute. Eta han lanean zebilen Bordeleko Unibertsitateko kide batek, Eline Shotsmansek, deitu egin zidan, garunak aztertzeko”. Shotsmansek bidalitako garunak aztertuta, emaitzak La Pedrajakoen oso antzekoak izan zirela azaldu du Serrullak: “Konposizioa, itxura… oso antzekoa dute. Nolabait, La Pedrajako garunek balio izan dute guk ikasteko beste leku batzuetan ere gertatu dela fenomeno hau, eta susmatzeko garezurren barruan zenbaitetan agertzen diren masa horiek ez direla lur-pusketak, garunak baizik, baita hobiratzetik mendeak igaro badira ere”. Horrenbestez, La Pedrajako aurkikuntza giltza izan da ate bat zabaltzeko eta iraganeko arrastoak hobeto ulertzeko. (Argazkia: iStockphoto.com/Manoafrica) Minaren minez Era askotako minak daude, erabat fisikoetatik hasi, eta psikikoetaraino. Denak garuneko leku beretan prozesatzen dira, erantzun berberak eragiten dituzte organismoan, eta neurotransmisore berek parte hartzen dute denetan. Alabaina, ikuspegi desberdinetatik lantzen dituzte, adibidez, Minaren Tratamenduko Unitateetako anestesistek eta psikologo klinikoek. "Imajinatu pertsona bat euforia handiko une batean. Bat-batean, kolpe izugarri bat jasotzen du. Une horretan, baina, endorfina-jarioa hain da basatia, ez baitu minik nozitzen. Endorfinek oinazetik babesten dute". Miguel Mar n sendagile anestesistak jarri du aurreko adibidea. Donostia Ospitaleko Minaren Tratamenduko Unitateko burua da Mar n medikua, eta, haren ustez, adibide soila izanagatik, lagungarria da minaren mekanismoa zein konplexua den erakusteko. Mina definitzeko hainbat modu daude, baina osasun-arloko adituek Minaren Ikerketarako Nazioarteko Erakundearen definizioa onartzen dute: esperientzia sentsorial eta emozional ezatsegina, organismoaren kalte batekin erlazionatua, kalte hori potentziala, erreala zein irudizkoa izan. Sentsazio bat denez, nerbio-sistemaren bidez transmititzen dela azaldu du Mar nek, "gainerako sentsazioak bezala". Estimulu mingarriek minaren berariazko errezeptoreak kitzikatzen dituzte, nozizeptoreak. Haietatik bizkar-hezurraren muinera joaten dira bulkadak, eta, gero garunera iristen dira. "Orduan jabetzen gara minaz", dio Marinek. Minaren mekanismoa, ordea, ez da hor amaitzen. Mar nek garunean gertatzen dena laburtu du: "Garunean, faktore emozionalak nahasten dira. Izan ere, talamoak eta gure bizipenekin lotutako garuneko beste guneek ere parte hartzen dute mekanismoan. Eta, gero, are gehiago korapilatzen da kontua, beheranzko sistema batzuk baitaude, non neurotransmisore ugarik parte hartzen duten. Haiek sentsazioa modulatzen dute. Horregatik, hasieran aipatutako adibidean gertatzen zen bezala, litekeena da minik ez sentitzea, kolpe handia jasan arren". Konplexutasun hori dela eta, zientzialariek oraindik ez dute guztiz ezagutzen mekanismo osoa. Hala ere, mina "ezinbestekoa" dela aitortu du Mar nek. "Behar-beharrezkoa dugu erasoak saihesteko, lesioez jabetzeko, jokabide zuhurrak garatzeko... Mekanismo babeslea da. Egin kontu: minik sentituko ez bagenu, eskua zartagin beroan sartuko genuke, eta ezerk ez liguke abisu emango kendu egin behar dugula". Badira minik hautematen ez duten pertsonak. Oso kasu bakanak dira, eta jatorri genetikoa dute, hau da, mutazio bat dute minaren transmisioan ezinbestekoa den egituraren batekin lotutako generen batean. Pertsona horiek lesioak, traumatismoak eta zauriak egiteko joera izaten dute; batzuek egarria eta tenperatura-aldaketak ere ez dituzte nozitzen. Horrenbestez, bizi-itxaropen laburra izaten dute. "Ikuspuntu horretatik, minak balio biologikoa du", nabarmendu du Mar nek. "Gainera, diagnostiko medikoak egiteko ere baliagarria da. Pazienteak mina non duen, zer intentsitate duen, leku jakin batean dagoen edo eremu zehazgabe batean hedatuta, ziztadak ematen dituen edo minsorra den, zenbat denbora irauten duen..., guretzat aztarna garrantzitsuak dira gaitzari antzemateko". Mina gaitz bihurtzen denean Halakoetan, mina sintomatzat har daitekeela esan du Mar nek. "Min akutuak izaten dira, eta, kausa konpondutakoan, desagertu egiten dira. Oso bestelakoa da min kronikoa. Hain juxtu, asko luzatzen denean, hau da, kronifikatzen denean, mina gaixotasun bihurtzen da. Orduan, minak balio biologikoa galtzen du, ez da ez baliozkoa, ez beharrezkoa, alderantzizkoa baizik". Min kronikoaren eragile asko daude, batzuk oso ohikoak eta beste batzuk ez hain ohikoak: artrosia, artritis erreumatoidea, lepoko eta bizkarreko minak (zerbikala eta lunbarra), minbizi terminalak, buruko mina eta migraina, neuropatiak, mamu-atalak... Miguel Mar nen esanean, jendeak ez ditu min horiek min akutuak bezain ondo ulertzen: "Jendeak beldurra dio morfina hartzeari, adibidez, edo ahalik eta botika gutxien hartzen saiatzen da. Izan ere, oso zabalduta dago min kronikoa tratatzeko botikak txarrak direla edo kalte egiten dutela. Baina inori ez zaio bururatzen tentsioa edo kolesterola neurrian izateko hartu behar dituen pilulak txarrak direla, eta prest daude bizitza osoan horiek hartzeko, ezta? Bada, honekin, bestela iruditzen zaien arren, berdina da". Horretan, kulturak eragin handia du. Herrialde anglosaxoiek edo eskandinaviarrek eta mediterraneoek morfina-kontsumoan duten aldea nabarmendu du Mar nek: "Haiek guk baino gehiago kontsumitzen dute. Zergatik? Ez dutelako sufrimenduaren kultura. Eta guk bai, hemen iruditzen zaigu, sufritzea egokitu bazaigu, etsi egin behar dugula". Hala, minagatik jende gutxi hiltzen bada ere, asko hiltzen dira minez, eta are gehiago dira minez bizi direnak. Dena dela, azken urteotan jarrera aldatzen ari dela ohartarazi du. "Kontua ez da populazio osoa drogen mende jartzea; kontu handia izan behar dugu horretan. Baina ez zaio beldurra izan behar sendagileak agindutakoa hartzeari". Bestalde, mina kentzeko botikak tratamenduaren zati bat direla uste du Mar nek, eta "faktore psikologikoek eta emozionalek ere garrantzi handia" dutela. Hain zuzen ere, minarekin batera, sarritan aldaketa fisiko eta psikosozial kaltegarriak jasaten ditu gaixoak, hala nola mugitzeko ezintasuna, immunitate-sistema ahultzea, loaren asaldurak, jateko gogoa galtzea, senitartekoekiko eta zaintzaileekiko gehiegizko mendekotasuna, osasun-zerbitzuen erabilera desegokia, lanerako ezgaitzea edo eraginkortasuna galtzea, bakartzeko edo depresiorako joera... Tratamendu osagarriak Mar nen iritziz, min kroniko ez-gaiztoak dira "tratatzeko korapilatsuenak". Dioenez, min onkologikoaren tratamenduan "asko aurreratu da", eta ez dago arazo handirik: normalean bizi-itxaropen laburra izaten dute, eta ez dago eragozpenik mina kentzeko behar duena emateko. "Beste kontu bat da min kroniko ez-gaiztoa deitzen dioguna. Adibide ohikoena bizkarreko mina da; horixe da kontsulta gehien eragiten dituena. Oso arruntak dira, halaber, artritisa, buruko mina... Halakoetan, faktore psikosozialak eta emozionalak nahasten dira, eta tratamendua ez da hain garbia eta ez dago hain arautua". Kasuaren arabera, tratamendu farmakologikoa ez ezik --morfina, beste opioide eta analgesiko batzuk, lasaigarriak, antidepresiboak...--, teknika espezializatuak ere erabiltzen dituzte Minaren Tratamenduko Unitatean. Gehienbat, tratamendu farmakologikoak emaitza onik ematen ez duenean aplikatzen dituzte, baina ez dira ordezkagarriak, osagarriak baizik. "Teknika horiei esker, medikazioa erdira jaits daiteke, eta asko hobetzen da pazienteen bizi-kalitatea", azaldu du Mar nek. Minaren transmisioa eteten edo modulatzen dute. Adibidez, irrati-maiztasunen bitartez nerbio-bukaerak erretzen dituzte. "Dentistak haginaren nerbioa hiltzen duenean bezala, gutxi gorabehera", dio Mar nek. "Gero berriro sortzen dira nerbioen arteko loturak, baina aldi baterako baliagarria da, eta berriro egin daiteke". Beste batzuetan, agente neurolitikoak erabiltzen dituzte nerbioak suntsitzeko, minbizia duten pazienteetan, adibidez. Mina modulatzeko asmoz, elektrodoak ere jartzen dituzte; horrela, elektrodoek sortutako pultsuek minaren eroapena aldatzen dute. Helburu bera lortzeko beste modu bat morfina nerbioan zuzenean aplikatzea da. Edonola ere, diziplinen arteko elkarlana ezinbestekotzat jotzen du Mar nek: "Batzuetan ez da nahikoa botikekin edo tratamendu espezializatuekin, eta psikologoak parte hartu behar du. Edo gizarte-laguntzaile batek. Esaterako, bakarrik bizi den adinduaren kasuan, agian irtenbidea ez da mina arintzeko botikak ematea, baizik eta pertsona batek laguntzea etxeko lanak egiten. Bestalde, adindu horrek onartu beharko du ez dagoela Benidormera joateko eta hara eta hona ibiltzeko moduan, eta hobeto egongo dela etxe-inguruan, pasieran, lasaitasun ederrean". Horrenbestez, batzuetan neurriak ez dira medikoak soilik; gehiago dira psikologikoak edo sozio-sanitarioak. "Horretan oinarritzen da gure unitateak egiten duen lana", bukatu du Marnek. Heriotzaren aurrean Min fisikoa alde batera utzita, pertsona batek jasan dezakeen min handienetako bat maite duen norbait galtzea da. Halako egoeretan dauden pertsonei laguntzen espezializatuta dago Patxi Izagirre psikologo klinikoa. Kasuaren arabera, beste diziplinetako espezialistek ere parte har dezakete diagnostikoan eta tratamenduan, eta ez da erraza orokortzea. Baina, kasu guztietan, minaren prozesamenduak antzeko bidea egiten du. Hala, hurbileko norbaiten heriotzak psikotrauma bat eragiten duela azaldu du Izagirrek; hau da, egoera mentalean aldaketa sakona eragiten du. Izagirrek azaltzen duenez, halakoetan, beste edozein egoeratan bezala, informazioa lehenik garunaren leku jakin batera iristen da, talamora, eta handik beste gune batera bideratzen da, amigdalara. "Hor egiten da bereizketa. Ordura arte, min fisikoa eta min psikikoa berdinak dira, biak dira informazio bat. Amigdalan, berriz, esanahi fisikoa eta emozionala ematen zaio informazioari". Amigdala ohartzen bada mina gehiegizkoa dela, pertsonak jasan dezakeenaren ataria gainditzen duela, disoziazio bat gertatzen dela ohartarazi du Izagirrek. "Orduan, seinale bat bidaltzen da giltzurrun gaineko guruinetara, eta neurotransmisore batzuk jartzen dira martxan: kortisola, adrenalina, prolaktina, oxitozina... Anestesiko naturalak dira: kalte fisikoan, mina sentitzetik babesten dute, eta min psikikoan, berriz, haien eraginez, errealitatetik kanpo ateratzen da pertsona. Alegia, esperientzia eta kontzientzia banatu egiten dira". Fase horri trauma-ondoko estresa deitzen diote teknikoki, eta, Izagirreren esanean, "defentsa mekanismo" bat da. Haren iritziz, hasieran beharrezkoa izaten da: "Ez dugu patologikotzat jo behar. Patologikoa izango da pertsona hor geratzen bada kateatuta, hau da, kroniko bihurtzen bada. Bestela, lagungarria da amigdalan dugun informazio hori pixkanaka asimilatzen joateko". Minaz jabetzea Asimilazio hori hipokanpoan gertatzen da. "Hipokanpoan esanahi kognitiboa ematen zaio, eta beste fase batean sartzen da. Horretarako, oso lagungarria da pertsona babestuta eta seguru sentitzea. Ukapen-fasean sartzen da hala; pertsona negarrez lehertzen da, edo garrasi egiten du... Baina dagoeneko ez dago errealitatetik kanpo; gertatutakoaz jabetu da, kontzientzia hartu du", azaldu du Izagirrek. Horrekin batera, lehen askatutako neurotransmisoreak neurri batean absorbatu egiten direla zehaztu du, eta beste batzuk askatzen direla, hala nola serotonina eta dopamina. Pauso horretan, amigdalak funtzio garrantzitsua du: "Beldurraren gordelekua da amigdala, eta hor zer esperientzia dauden jasota, errazago edo zailago izango da pertsonarentzat kontzientzia hartzea", esan du Izagirrek. Alderdi horretatik, aurretik izandako esperientziek amaiera ona izan badute, pertsonak lehenago hartzen du kontzientzia. Eta aurkakoa gertatzen da kaltea metatu egiten bada, edo pertsona ez ziurra, ahula edo ezegonkorra bada. Kasu horietan, mina "infektatu" egiten dela dio Izagirrek: "Neurotransmisore horien kontzentrazioa gehiegizkoa da, luzeegi irauten dute gorputzean, eta horrek toxikotasuna eragiten du". Horrelakoetan, obsesioa, fobia edo minaren somatizazioa agertzeko arriskua dagoela jakinarazi du. Aldiz, hipokanpoan gertatutakoa ondo prozesatzen bada, neokortexera igarotzen da, eta han ematen zaio portaerazko esanahia. "Orduan, esperientzia integratu egiten da, eta pertsonak aukera du, adibidez, une politak gogoratzeko, eta hil den senide edo hurbileko hori irribarrez oroit dezake...". Horren oinarrian zer dagoen azaltzeko, Van der Kolk eta Ledoux ikertzaileen lana aipatu du Izagirrek: "Haien arabera, fase horretan hipokanpoko Brockaren gunean (mintzamenarekin lotutako guneetako batean) izena ematen zaio bizitako esperientziari. Horrek bide neuronal berriak irekitzen ditu, eta badirudi hori lagungarria dela neurokortexean integrazioa gertatzeko". Mina sendatzeko bidean da. Mutazio mingarria Azken urteotan, ikerketa ugari egiten ari dira minaren alderdi genetikoa aztertzeko. Horren adibidea da Ikerketa Medikorako Cambridge Institutuko genetikari batzuek egindako lana; hain zuzen ere, aldaera genetiko jakin batek minarekiko sentiberatasuna areagotzen duela aurkitu dute. Genetikariek lehendik bazekiten SCN9A izeneko genearen mutazioak muturreko sindrome mingarriekin erlazionatuta zeudela. Sindrome horiek oso arraroak dira, hau da, jende gutxik pairatzen ditu, baina erabat ezgaitzen dute. Orain, osteoartritisa duten 578 pertsonen DNA aztertuta, askoz ere ohikoagoa den aldaera bat topatu dute, zeinak minarekiko sentiberatasuna areagotzen duen. Aldaera hori dutenek adenina bat dute guanina baten ordez, SCN9A genearen leku jakin batean. Horrek minarekiko sentiberagoak egiten ditu. Gainera, 186 emakume osasuntsurekin egin duten beste ikerketa batean ere emaitza bera jaso dute: guaninaren lekuan adenina dutenek besteek baino min handiagoa sentitzen dute estimulu mingarri beraren ondorioz. Genetikariek azaldu dutenez, nerbio-zelulen kanpoaldean dagoen sodio-kanal bat kontrolatzen du geneak. Nerbioak estimulu mingarria jasotzen duenean, kanala ireki egiten da, sodioa sartzen da, eta, horren eraginez, nerbioak minaren bulkada transmititzen du garunera. Bada, guaninaren tokian adenina dutenek denbora gehiagoan dute irekita kanala, eta, beraz, minaren transmisioak normalean baino gehiago irauten du. Aurkikuntza minaren aurkako terapia berriak garatzeko baliagarria izan daitekeela uste dute ikertzaileek. Plazeraren bila Gose garenean, jateak; egarriz gaudenean, edateak; beharra sentitzean, sexu-harremanak izateak; nekeak jota gaudenean, atseden hartzeak; logura garenean, lo egiteak. Eta gustuko musika entzuteak, arte-lan bat ikusteak, naturaz gozatzeak, talde bateko kide izateak, jakiteak, irabazteak, maitatua sentitzeak. Horiek guztiak plazer-eragileak dira, eta horiek lortzearren hartzen ditugu erabaki batzuk eta baztertzen ditugu beste bide batzuk. Plazer-iturriak ez dira organismoaren behar fisiologikoak asetzeko bakarrik. Horren erakusle da Francisco Mora neurozientzietan doktoreak Los laberintos del placer en el cerebro humano liburuan jasotako esperimentuetako bat. Esperimentu horretan, arratoiak trebatu egin zituzten, egunean behin bi orduko epearen barruan jateko. Bi ordu horietan, arratoiek nahi adina jan zezaketen kaiolan bertan zuten janaria, pentsu lehor eta trinko bat. Baina astean behin, eta bi orduko tarte berean, arratoiak, bazekiten 16 metroko labirinto luze bat zeharka zezaketela, eta haren amaieran beste janari bat izango zutela zain. Janari gozo, gustagarri eta erakargarri bat. Ikertzaileek tenperatura atseginean jartzen zituzten kaiolak. Aldiz, janari gozora zeraman labirintoan -15 C zeuden, eta haize-laster bortitzak. Bada, kaiolan eroso egon arren, eta nahikoa elikagai eduki arren, bestelako janaria aukeran jartzen zieten egunean, arratoiak kaiola utzi, eta labirinto hotzean barneratzen ziren, janari gozo haren bila. Egun horretan, ohi zutenaren erdia jaten zuten arratoiek, eta behin baino gehiagotan izozteak eragindako kalteak jasan zituzten. Eta, hala ere, arratoiek beti erabakitzen zuten arriskua hartu eta janari gozoa lortzen saiatzea. Plazer hutsagatik. Plazer handiagoa ematen baitie janari gozo hori lortzeak, kaiolan duten elikagai lehor horrekin gosea berdintzeak baino. Oinarrizko beharretatik harago Arratoietan behatutakoa are nabarmenagoa da pertsonetan. Alberto Bergaretxe neurologoak azaldu duenez, "plazeraren mekanismoa oso aspaldikoa da eboluzioan, eta berdina da animalia guztietan, baita eboluzioaren ikuspuntutik gu baino askoz sinpleagoak direnetan ere. Bizirauteko beharrezkoa da, eta banakoa berriro plazer-iturria lortzen ahalegintzea bermatzen du". Horraino, ez dago inolako alderik pertsonek eta gainerako animaliek sentitzen dutenaren artean, eta oinarrizko plazeraren eta plazer landuagoen artean. Alabaina, Bergaretxeren iritziz, izan, bada diferentziarik: "Izan ere, era askotako estimuluek kitzikatzen dute plazeraren mekanismoa, eta sortzen dituzten erantzunak oinarrian berdinak dira. Baina erantzun horiek koordinatzeko eta integratzeko moduak desberdinak dira plazera jatea den, musika entzutea den, edo zerbait oroitzeak eragindakoa den". Bergaretxeren arabera, aurreikuspenek eta itxaropenek, norberaren historia pertsonalak eta historia kulturalak ere parte hartzen dute mekanismo horretan. "Horrek guztiak erantzuna modulatzen du, eta horregatik dira desberdinak egarri zarenean ura edateak eta gustuko musika entzuteak eragiten dituzten plazerak. Plazeraren oinarrizko mekanismoaz sistema linbikoa arduratzen bada ere (hau da, talamoa, hipotalamoa, amigdala...), bestelako plazeretan garuneko beste egitura batzuek ere parte hartzen dute, haiek baino konplexuagoak: lobulu tenporalak, lobulu frontalak, oroimena... Horretan bereizten dira". Hain zuzen ere, sistema linbikoa berdina da animalia guztietan, baita eboluzioaren ikuspuntutik primitiboak direnetan ere. Aldiz, Bergaretxek aipatutako egitura konplexuak eboluzioan garatuagotzat jotzen diren animaliek bakarrik dituzte. Bestalde, oinarrizko plazeren funtzio ebolutiboa bizirautea bermatzea den bezala, beste era bateko plazerek ere badute funtzio bat, hain begi-bistakoa ez den arren. Bergaretxeren ustez, plazer-mota horiek garrantzitsuak dira gizarte-kohesioaren ikuspegitik, "baliagarriak" baitira taldeak egituratzeko, talde-dinamikak sortzeko, harremanak sendotzeko... Horrez gain, Bergaretxek uste du badela alderdi ukiezin bat, definitzen zaila, baina azaltzen duena zergatik bilatzen dugun plazer-mota hori eta ez dugun etsitzen oinarrizko beharrak aseta izatearekin. "Grina hori pertsona izatearen muinean dagoela iruditzen zait. Gainera, pertsona guztiek ez dute behar hori. Jende asko kontserbadorea da; alegia, dutenarekin gustura daude, eta ez dute gehiagoren beharrik. Baina gutxi batzuek berrikuntza bilatzeko joera dute. Horiei novelty seeking deitzen zaie, eta genetikoki determinatuta dator joera hori, neurri batean", dio Bergaretxek. Bergaretxeren ustez, "seguru asko, horiek dira espeziea eboluzionarazten dutenak, nolabait esatearren. Nire iritziz, hemen sartzen dira plazer soziala eta plazer intelektuala. Eta kortexa hain garatuta ez duten animaliek, ebolutiboki primitiboagoak direnek, ez daukate halakorik". Txanponak eta geneak Iraganean, askok ulertu izan dute plazera minaren ifrentzu gisa, mina eta plazera txanpon beraren bi aldeak balira bezala. Uste hori ezeztatu du Bergaretxek: "Ez dago dualismo hori, nahiz eta egia den sistema beraren zatiak erabiltzen dituztela minak eta plazerak". Plazeraren mekanismoa dopamina sortzen duten neuronetan abiatzen da, neurona dopaminergikoetan. Gero, beste batzuk sartzen dira jokoan, neurona noradrenergikoak eta serotoninergikoak batez ere. Minak erabiltzen dituen berberak, alegia. Eta jariatzen diren neurotransmisore batzuk ere berdinak dira. Baina, Bergaretxeren iritziz, minak badu zerbait plazerak ez duena. "Alde batetik, baliagarria ematen du: lisaburdina beroa ukitzen duzu, eta erre egiten zara; alkohol gehiegi edaten duzu, eta buruko mina duzu. Min horiek onak dira, berriro ez duzula egin behar ikasten baituzu haiei esker. Eta erraz ulertzen dugu hori. Baina zer zentzu du oinaze kronikoak? Zein da min horren arrazoi ebolutiboa? Zer mesede egiten dio banakoari edo gizarteari oinaze bizia izatea minbizia edo artritisa duen pertsona batek? ". Plazerean ez du horren parekorik ikusten, albo-ondorio txarrak ere izan ditzakeen arren, "adibidez, drogen kasuan. Gainera, hori da gehien ikertu duguna, batez ere kokaina". Bergaretxeren esanean, kokaina-dosi bat hartutakoan, pertsona guztiek antzeko erreakzioa izaten dute hasieran. Epe luzera, ordea, pertsona batzuek mendekotasuna garatzeko joera dute, eta beste batzuek, berriz, ez. "Bada, horren oinarri genetikoa ezaguna da", dio Bergaretxek. "Eta, seguru asko, azterketa horien ondorioak emaitzak ondo estrapolatu daitezke beste estimulu batzuetara". Beraz, haren ustez, baliteke beste estimuluen epe luzeko ondorioetan dauden aldaeren gakoa ere genetikoa izatea: "Jakina, aurretik izandako esperientziek, kulturak... estimuluekiko erantzunean eragiten dute, modulatu egiten dute; baina, nire iritziz, genetikak ere badu zeresana". Plazeraren ikerketa Drogekin eta genetikarekin erlazionatutako azterketez gain, beste era bateko ikerketak ere egiten dira plazeraren ezagutzan sakontzeko. Adibidez, Bergaretxek Estatu Batuetan unibertsitate-ikasleekin duela gutxi egindako ikerketa bat aipatu du: "Ikerketa hartan, PETa (positroien igorpen-tomografia) erabili zuten, koitoa egitean garuneko zein gune aktibatzen ziren ikusteko. Noski, han sartuta eta esperimentu batean parte hartzen ari zarela sentitzen duzuna eta leku lasai eta goxo batean sentitutakoa ezin dira berdin-berdinak izan". Hala ere, ikerketaren emaitzak baliagarriak iruditzen zaizkio plazer sexuala hobeto ezagutzeko: "Esaterako, oso ondo ikusten da nola pizten diren gune jakin batzuk eta nola inhibitzen diren beste batzuk. Izan ere, inhibizio hori beharrezkoa da une horretan kontrola galtzeko, eta ikerketa horretan frogatu dute lobulu frontala, zentsore-lanak egiten dituena, itzali egiten dela". Bergaretxeri zoragarria iruditzen zaio halakoak ikusteko aukera izatea. "Erresonantzia magnetiko bidezko ikerketak ere egiten ari dira, eta, teknologiak aurrera egin ahala, ezagutzan sakonduz joango gara. Nik, adibidez, interes berezia dut Connectome project izeneko proiektuan. Neuronak nondik nora doazen ikustea da horren helburua. Liluragarria iruditzen zait". Musika, sexuaren eta drogen pare 1970eko hamarkadan sortu zen sex, drugs and rock roll esapidea. Baina sexuaren, drogen eta musikaren arteko lotura, batetik, zabalagoa da, ez baita rockera mugatzen, eta, bestetik, askoz ere lehenagokoa da. Orain frogatu dute hori guztia Kanadako McGill Unibertsitateko neurologoek, eta Nature Neuroscience aldizkari espezializatuan argitaratu dituzte emaitzak. Hain justu, gustuko musika entzutean dopaminaren ekoizpena areagotu eta ordainsari-mekanismoa aktibatu egiten dela ikusi dute ikertzaileek. Gosea, sexu-harremanak izateko gogoa edo droga-dosi bat hartzeko beharra asetzean gertatzen den bezalaxe. Horretarako, bi teknika erabili dituzte: positroien igorpen-tomografia (PET) eta erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza funtzionala (fMRI). Lehenengoarekin, dopaminaren ekoizpena areagotzen ote den ikus daiteke, eta, bigarrenarekin, non eta zenbat askatzen den. Horrela, frogatu dute gustuko musika entzuteak, edozein motatakoa izanda ere, dopamina sorrarazten duela, eta, gainera, ohartu dira garunaren erantzuna aurreratu egiten dela. Izan ere, musika-zati gustukoena entzun baino segundo batzuk lehenago hasten da dopaminaren jarioa, garunaren eremu jakin batean (nukleo kaudatuan). Gero, norberarentzat hunkigarriena den zatia iristen denean, beste leku batean jariatzen da (nukleo akunbeoan). Hain justu, sistema kognitiboarekin eta motorearekin lotzen da lehen eremua, eta emozioekin, berriz, bestea. Horrez gain, baieztatu dute garunean ikusitako aldaketak bat datozela parametro fisiologikoen neurketek erakutsitakoarekin. Hala, musika-konposizioaren une hunkigarrienetan aldaketa nabarmenak hauteman zituzten ikertzaileek parte-hartzaileen organismoetan, hala nola bihotz-taupaden maiztasuna areagotzea, larruazalaren tenperatura eta eroankortasun elektrikoa aldatzea, arnasa azkartzea... Ikertzaileen esanean, esperimentua lagungarria da ulertzeko zergatik duen musikak hainbesterainoko eragina pertsonongan. Hain zuzen, dopamina-jarioak azal dezake erritualetan, marketinean edo terapian musikak duen eraginkortasuna. Bestalde, plazer-iturri abstraktuak edo intelektualak aztertzeko abiapuntua dela ere adierazi dute. Paisaia menditsu baten aurrean sortutako irudiak. Irudia: Miren Karmele Gomez Garmendia. Sinestesia: berezko errealitate areagotua Imajinatu zerbait entzuten duzun bakoitzean (musika, zarata, ahotsa) koloreak, itxurak eta mugimendua ikusten dituzula. Edo emozio biziak (gertuko baten heriotza, orgasmoa) kolore jakin batekoak direla zuretzat. Batzuek ez dute horrelakorik imajinatu beharrik; berez bizi dute esperientzia hori. Sinestesia dute; errealitatea hautemateko beste modu bat, beste modu batzuk. Zientzialariek fenomenoa ikertzen dute, lagungarria baita zentzumenen eta pertzepzioaren mekanismoak hobeto ulertzeko. Sinestesia zentzumenen nahasmendutzat jo izan da. Helena Melero Carrasco doktorearen esanean, ordea, ez da nahaste bat, ingurunea eta norbera hautemateko modu bat baizik. Hala definitu zuen 2015ean Revista de Neurologian argitaratutako artikulu batean: “Sinestesia fenomeno neurologiko bat da, zeinetan zentzumen baten estimulazioak zuzenean estimulatua izan ez den sistema sentsorial batean pertzepzioa eragiten duen”. Melero sinestesikoa da, eta fenomeno horren gaineko tesia egin zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Psikobiologia Sailean. Harekin bat dator Bartzelonako Unibertsitateko Pablo Barrecheguren Manero neurozientzien irakaslea: “Argi utzi behar da ez dela patologia bat. Badira zenbait pertsona, sinestesia izateaz gain, buruko asaldurak izan dituztenak. Adibidez, Vincent Van Goghek, pianoa jotzen ikasten hasi zenean, notak kolore jakinekin lotzen zituen; haren irakasleak erotzat hartu, eta bota egin zuen. Pertzepzio sinestesikoa erakusten du pasadizo horrek, baina, horrekin batera, izaera bipolarra zuen, krisi psikotikoak eta alkoholarekiko mendekotasuna, besteak beste. Agian horrelako kasuengatik pentsatzen dute batzuek sinestesia nahaste bat dela”. Barrechegunerentzat, beraz, garrantzitsua da sinestesia aztertzea eta azalpenak ondo gizarteratzea, “uste okerrak ezabatzeko”. Baina ez horretarako bakarrik: “Sinestesia ikertzeak zentzumenak hobeto ezagutzeko zantzuak ematen dizkigu, eta, ezagutza horretan oinarrituta bide berriak sor daitezke, sistema sentsorialen gutxiegitasunak gainditzeko”. Adibidez, Santiago Eloy Alfaro Bernatek sistema teknologiko bat garatu du, zentzumenen bat gutxitua dutenek sistema horren bidez eskura dezaten inguruneko informazioa, zuzenean garunera helarazita. Digital Synesthesia izena eman dio, hau da, Sinestesia digitala. Mundu bat norberarena Miren Karmele Gomez Garmendia sinestesikoa da, eta harentzat ez da ezer berezia: “Errealitatea hautemateko nire modua besteok diozuenarekin alderatzean, konturatzen naiz nirea beste era batekoa dela, baina, niretzat, normala hau da”. Zehaztasun handiz deskribatzen ditu bere bizipenak. “Niretzat, soinu orok du kolore bat, forma bat eta mugimendu bat. Ehundura ere badu, eta hori guztia, hondo beltzaren gainean ikusten dut. Eta soinuaren iturrian ikusten dut hori; hau da, soinua atzetik badatorkit, nire atzean ikusten dut, buru atzean begirik ez dudan arren”, dio, irribarrez. “Eta horren guztiaren atzean ikusten dut besteok ikusten duzuena. Soinu guztiak ikusten ditut, plano desberdinetan, eta nire ahotsa ere ikusten dut, eta ez naiz nahasten, hierarkizatua baitago. Adibidez, zuk entzuten nauzu ni, eta aldi berean entzuten duzu inguruko soinua. Bada, niretzat antzekoa da, nik beti izan baitut entzuteko eta ikusteko modu hau”. Gomezek buruan iltzatuta du txikitan askotan esaten ziotela “imajinazio handiko” neska zela. Bilbon ikasten aritu zen garaian konturatu zen errealitatea hautemateko beste modu bat zuela, gainerakoetatik bereizia: “Nire pisu-kideari egun hartan zubia kolorez aldatu zitzaidala kontatu nion, eta, haren erantzunaren aurrean, ohartu nintzen denek ez zituztela gauzak ikusten nik bezala. Are gehiago, pisu-kidea bera izan zen sinestesia izan nezakeela iradoki zidana”. Geroztik, jakitun da besteek ez bezala ikusten duela ingurua. Hasieran, denbora behar izan zuen jabetzeko besteetatik bereizten zuen zerbait zuela, eta jakiteko zer zen guk ikusten duguna, eta zer den berak bakarrik ikusten duena. “Orain normaltasunez bizi dut, eta badakit nik ikusten dudala geruza bat, neurea bakarrik dena”. Duela hamar urte, geruza horretan oinarrituta, marrazkiak sortzen hasi zen; lehenik hitzetatik abiatuta, eta gero abestietatik. Orain, berriz, egunerokotasuneko une jakin bateko soinuak ere marrazten ditu: “Argazki sinestesikoak balira bezala da, une jakin batean ikusten dudana jasotzen dutenak”. Harentzat hain da sendoa bere pertzepzioa, ezen harritu egin zela ohartu zenean sinestesiko guztiek ez dituztela berdin sumatzen gauzak. “Niretzat bokalek kolorea dute: ada zuria, e berdea, i horia, o gorri-marroixka eta u urdina. Bada, sinestesia-mota hori bera duen beste pertsona bat ezagutu nuen. Erabat harrituta geratu nintzen harentzat bokalek beste kolore bat zutela jakin nuenean!” Ez da hain arraroa Hain justu, ikerketa askoren arabera, grafemak koloretan ikustea da sinestesia-mota ohikoena. Melerok iaz egindakoan, berriz, bigarren lekuan dago, sekuentzia espazialaren atzetik. Sekuentzia espaziala bi motatan bereizten du Melerok: zenbakiek konfigurazio espazial bat izatea, eta denborak konfigurazio espazial bat izatea. Eta Gomezek badu sinestesia-mota hori ere. Haren hitzetan, denbora espazioan kokatuta ikusten du, oso modu grafikoan: “Urtea obalo bat da; asteak, lauki luzeak, eta eguna, goitik behera datorren marra bat”. Meleroren ikerketan, parte-hartzaileen % 13,95 zen sinestesikoa, eta ez zegoen alderik eskuina ala ezkerra izan, sexu, adin edo ikasketaren arabera ere. Beste ikerketa batzuetan, sinestesikoen ehunekoa % 0,05etik % 23ra doa. Aldea zergatik den hain handia azaltzeko, ikerketa egiteko modua izango dela uste du Melerok. Harena galdeketa-bidezkoa izan zen, eta fakultateetan, lantokietan eta sarean egin zuen. Sinestesia-motari buruz galdetzen zen, eta bakarrik hartu zituen aintzat esperientzia hori “beti” izaten zituztenak. Sinestesia-mota ohikoenen artean dago baita soinuak eta koloreak lotzen dituena. Aipatzekoa da sinestesia-mota bat duenak gehiago ere izateko joera duela, eta hori berretsi du Meleroren ikerketak ere. Soinuzko estimulu batek kolorea ikustea eragiten duen sinestesiaren barruan, soinua musikala izatea dago. Meleroren sailkapenean, hiru eratakoa izan daiteke musikak kolorea sortzen duen sinestesia-mota: tinbrea eta kolorea lotzen dituena, akordea lotzen duena eta musika-tresnaren araberakoa. Beste mota batzuetan, beste zentzumen batzuek parte hartzen dute: zerbait ikusi eta usaina hartu; edo entzundakoak usaina izatea; edo ukitutakoak edo entzundakoak zaporea... Eta zentzumenen arteko loturak ez ezik, badira bestelakoak ere, letrak edo zenbakiak genero jakin batekoak izatea edo pertsonifikatzea, adibidez. Koloretako sentsazioak Sentsazioak eta emozioak ere izan daitezke esperientzia sinestesikoen eragile. Meleroren sailkapenean, pertzepzio hauek guztiak ikus daitezke koloretan: ukimena, mina, tenperatura, izaera, zaporea, usaimena, emozioa eta orgasmoa. Azken bi horiek bizi ditu Leire Alberdi Arriolak. Dioenez, orain dela gutxi jabetu da sinestesikoa dela: “Sinestesiari buruzko artikulu bat irakurri eta komentatu ostean, gaiari buruzko dokumental bat ikustea gomendatu zidan lagun batek, eta orduan hasi nintzen loturak egiten. Izan ere, ordura arte, ez nuen askorik hitz egin horretaz, baina, adibidez, nire bikotekideari esaten nionean orgasmoak urdin ilunak edo laranjak zirela, erdi txantxetan hartzen ninduen”. Orgasmoa ez ezik, emozio batzuk ere koloretan bizi ditu. “Emozio bortitzak izan behar dute, ez egunerokoan izaten ditugun pozak eta tristurak. Adibidez, gertuko bi heriotza izan ditut, haietako bat bereziki hunkigarria niretzat, eta berde-turkesa izan zen. Bestearekin gogoratzean ere, kolore hori datorkit burura”. Azaldu duenez, “kolore solidoak dira beti, ondo definitu daitezkeen tonuak: horiak, laranjak, turkesak, granateak... Normalean errepikatu egiten dira, eta intentsitatea alda daiteke, akuarelarekin margotuak balira bezala, baina ez ditut inoiz kolore pastelak, jaspeztatuak edo definitugabeak sentitu. Eta mugimendua izaten dute, gortina baten edo ur barearen antzeko mugimendua”. Pertsona batzuk ere kolore-eragile dira, baina horiek ez dute mugimendurik izaten. Eta emozioak eta pertsonak koloreekin lotzen dituen arren, lotura norabide bakarrekoa da; alegia, koloreak ez dio emoziorik sorrarazten. Esaterako, horia bizitzako une kritiko batekin lotzen du, hain zuzen, Arte Ederretako ikasketak uztekotan egon zeneko unea. “Krisi-momentu gogorra izan zen, baina, gero, kolore horiak ez dit hori transmititzen. Are gehiago, nire gustukoenetako bat da”. Ikerketek ere horixe berresten dute; alegia, esperientzia sinestesikoa norabide bakarrekoa izaten dela. Azkenik, koloreak ez ezik, metalezko tresnak ukitzean ahoan zapore edo ehundura bat sentitzen duela gaineratu du Alberdik. Genetika eta garapena Sinestesiaren ezaugarriak eta motak ez ezik, zientzialariek fenomeno horren jatorria ere ikertu dute. Antza denez, oinarri genetikoa du, eta heredagarria da. Zenbait ikerketen arabera, emakumezkoetan zabalduagoa dago gizonezkoetan baino; horregatik, X kromosomarekin zerikusia izan dezakeela pentsatu izan dute batzuek. Alabaina, ez da halakorik frogatzerik lortu, eta Helena Meleroren ikerketak ere ez du baieztatu hipotesi hori, galdeketari erantzun zietenen artean ez baitzegoen sexuaren araberako diferentziarik. Aldagai genetikoa alde batera utzita, garunaren garapenean gertatzen diren prozesuekin erlazionatuta dagoela uste dute ikertzaileek. Hala azaldu du Barrechegunerek: “10-12 urte ditugunean, kimatze neuronala deitutako prozesu bat gertatzen da. Prozesu horren bidez, garunak ordura arte egindako konexio neuronal mordotik, erabiltzen ez dituenak baztertzen ditu. Une horretan, beraz, erabiltzen duena eta funtzionatzen duena sendotu egiten da, eta erabiltzen ez duenaren zati handi bat galdu egiten da”. Zer gertatzen da, orduan sinestesiaren kasuan? “Haurren garunak konexio asko sortzen ditu eremu desberdinen artean, eta batzuek badirudi esperientzia sinestesikoak dituztela. Gero, baina, kimatze neuronala gertatzen denean, haur horietako batzuek galdu egiten dute ezaugarri sinestesikoa; baina beste batzuek ez, eta heldutan ere jarraitzen duten sinestesikoak izaten”, esplikatu du Barrechegunerek. Umetako berezitasun horri eutsi diotenak dira, beraz, sinestesikoak, Gomez eta Alberdi bezala. SEXUAREN ISPILUAN Arg. Wikimedia Commons/Fir0002/Flagstaffotos CC-BY-NC Sexua, zertarako? Zalantzarik gabe, sexuak arrakasta handia du. Horixe berretsi du Ibon Cancio biologoak: "Ugalketa sexuala oso arrakastatsua izan daiteke, eta numeroek eta matematikek hori esaten dute". Adierazpen biribil gehienek bezala, ordea, horrek ere badu baina bat: "Baina ugalketa asexuala duten espezieen bikoizte-ahalmena askoz ere handiagoa da", zehaztu du Canciok. Arturo Elosegi ekologoak Canciok esandakoa baieztatu du: "Hala da. Eta, gainera, asexualki ugaltzeko modu asko daude, eta denak dira oso eraginkorrak. Hala eta guztiz ere, oso espezie gutxi dira asexualki soilik ugaltzen direnak; ugalketa sexuala askoz ere zabalduago dago". Horrenbestez, baina horiek hartuta ere, ukaezina da ugalketa sexualak asexualak baino arrakasta handiagoa duela. Hori erakusten duen datu argigarri bat eman du Canciok: "Asexualki ugaltzen diren espezieak oso goian daude zuhaitz filogenetikoan; horrek esan nahi du espezie gazteak direla, edo, bestela esanda, ez dagoela asexualki ugaltzen den espezierik luzaro irauten duenik. Berehala iraungitzen dira". Hala ere, salbuespenak ere badaudela ohartarazi du: "Adibidez, errotifero bdelloideoak. Eskandalu ebolutibo bat dira". Eskandalua 1986an atera zen argitara, Nature aldizkariaren artikulu batean. Artikuluaren egilea John Maynard Smith biologo eta genetikaria da, eta artikuluaren izenburua, berriz, adierazgarria: "Contemplating life without sex" , hau da, Sexurik gabeko bizitza bati begira. Maynard Smithek eskandalugarritzat jo zuen bdelloideoak hain familia zabala eta iraunkorra osatzea, sexurik izan gabe. Kontuan izan behar baita izaki urtar ñimiño horien familia oso dela ugaria (450 espezie baino gehiago biltzen ditu), eta milioika urte daramatzatela Lur planetan (200 milioi urte inguru). Hori guztia, ugalketa asexualaren bidez! Gerora, ikertzaileek ikusi dute bdelloideoek beren fisiologia eta genetika berezien erruz dutela hain jokabide eskandalugarria. Izan ere, inguruaren kondizioak desegokiak direnean, lehortu egiten dira. Horrela, ingurua berriro aldekoa izan arte irauten dute, eta, bide batez, haien parasito guztiak hil egiten dira. Baina, horrez gain, beren genoma konpontzeko trebezia handia dute, eta, prozesu horretan, genoma berritzeko eta eguneratzeko aprobetxatzen dute. Horri esker lortu dute hain ugariak izatea eta hainbeste irautea. Edonola ere, bdelloideoak salbuespena dira; ohikoena sexu bidez ugaltzea dela nabarmentzen dute biologoek. Gainera, Elosegik zuhurtziaz hartzen ditu halako bitxikeriak: "Agian bdelloideoak ere noizbait ugaltzen dira sexualki, guk horren arrastorik izan gabe. Horrelakoak gertatzen baitira; adibidez, onddoetan: onddo hifomizeteen taldean sartzen dira ugalketa sexualik ezagutzen ez zaien espezieak; hauek normalean asexualki ugaltzen dira, baina, noizbehinka, haietako bat modu sexualean ugaltzen hasten da eta ohartzen gara beste talde bateko onddoa dela, adibidez, basidiomizete bat. Hortaz, litekeena da bdelloideoekin ere hori gertatzea. Kontua da guk ez ditugula harrapatu sexu bidez ugaltzen ari direla; hortaz, esan dezakegun bakarra da, guk dakigula, ugalketa asexuala dutela". Sexuaren abantaila "Garbi dagoena da ugalketa sexualak baduela zerbait abantaila ematen diona", dio Canciok. "Bestela, eboluzioaren ikuspuntutik, ezin da ulertu. Eboluzioa survival of the fittest bada, alegia, indartsuenak edo arinenak egiten badu aurrera, nola azaldu paumaren buztana? Tigreak errazago harrapatuko du buztan luzea duen pauma, eta, hala ere, paumarentzat ona da buztan luzea izatea, eta eboluzioak horren alde egin du. Zergatik? Buztan dotorea eta handiak sexualki ugaltzeko aukera ematen diolako, eta, hala, bere genomaren erdia ondorengoei transmititzen dielako". Biologoen arabera, bi hipotesi nagusi daude sexu-ugalketa zergatik gailendu den azaltzeko. Bati Mullerren trinketa deitzen zaio, eta besteari, Erregina Gorriaren teoria edo hipotesia. Lehenaren arabera, ugalketa asexuala duten espezieetan, genomaren mutazioak metatzen doaz belaunaldiz belaunaldi, harik eta mutazioek bizitza eragozten duten arte. Horren aurrean, ugalketa sexualaren bidez jaiotako ondorengoek bi gurasoen geneak jasotzen dituzte, eta transmisio horretan mutatutako geneak galtzeko aukera dago. Canciok jokurako kartekin alderatu ditu gurasoen geneak: "Nolabait esateko, ugalketa sexualean, geneak nahasi egiten dira, kartak nahasten diren bezala; horrenbestez, hurrengo belaunaldian mutazioak diluitu egiten dira." Erregina Gorriaren hipotesia, berriz, bizkarroiei ihes egitean oinarritzen da. Alizia ispiluaren bestaldean liburuan agertzen den erregina bezala, banakoak lasterka egitera behartuta daude, leku berean geratzeko. Ez badute lasterka egiten, bizkarroiek harrapatu eta suntsitu egingo dute. "Banakoek amaren bizkarroiak ere jasotzen dituzte oinordetzan. Bizkarroi horiek amari ezin hobeto daude egokituta, eta, beraz, banakoa infektatzeko prest. Baina, ugalketa sexualari esker, sortzen den banako hori desberdina da gurasoekiko, eta bizkarroiek ezin dute infektatu", argitu du Elosegik. Elosegiren esanean, zabalduta dago ugalketa sexualaren funtsa aldaera asko sortzea dela, "ez jartzeko arrautza guztiak saski berean". Horrek zentzua omen du ondorengo asko izaten dituzten espezieetan, baina ez gureak bezala ondorengo gutxi izaten dituztenetan. "Erregina Gorriaren teoriaren arabera, berriz, ondorengoa gurasoetatik desberdina izatea da gakoa; ondorengo bakarra izanda ere, gurasoekiko desberdina bada, abantaila da". Dena dela, amarekiko oso desberdina izatea ere txarra dela zehaztu du Elosegik: "ama, den bezalakoa izanda, bizirik badago, zerbaitegatik izango da; beraz, oso desberdina izatea txarra da. Baina oso berdina izatea ere kaltegarria da, patogenoak juxtu horretara egokituta baitaude". Bi hipotesiak bateragarriak direla uste du Canciok. "Badaude frogak bai bataren bai bestearen aldekoak". Esaterako, Mullerren trinketa frogatzeko mikroorganismoekin ikerketa asko egin direla aipatu du Canciok, nahiz eta haietan sexua "bestelakoa" dela nabarmendu duen Elosegik: "Bakterioetan sexua ez da gurasoen artekoa, kumeak sortzeko, baizik eta bi bakterioen elkarketa, non batak besteari plasmido bat ematen dion eta hark batari beste gene-multzo bat". Edonola ere, bai bakterioekin egindako ikerketetan, bai ugalketa sexuala eta asexuala txandakatzen dituzten espezieekin egindakoetan, badaude Mullerren trinketaren aldeko frogak. Eta gauza bera gertatzen da Erregina Gorriaren hipotesiarekin. Hori frogatzen duen ikerketetako bat 2007an argitaratu zen, Nature aldizkarian. "Host-parasite 'Red Queen' dynamics archived in pond sediment " da artikuluaren izenburua, eta Daphnia ur-arkakusoaren eta haien parasitoen arteko koeboluzioa azaltzen du. "Hortaz --dio Canciok-- seguru asko bien arteko jolas bat da; ez dakigu zer ehunekotan eragingo duen batak edo besteak, baina biek, Mullerren trinketak eta Erregina Gorriaren lasterketak, izango dute eragina". Maitasuna ez da usaingabea Ur-arkakusoak utzi, eta giza espeziera egin du jauzi Canciok: "Guk 30.000 gene ditugu, gutxi gorabehera. Horietatik, gure histokonpatibilitate-konplexu nagusien geneak dira polimorfikoenak, beste banakoetatik diferenteenak. Hain juxtu, gene horiek kodetzen dituzte parasitoen aurka erabiltzen ditugun armak". Are gehiago: gene horiek beraiek sortzen dute gorputzaren usaina. Eta gizakiak dituen geneetako asko, 3.000 inguru, usaimen-hartzaileak dira. Hori esanda, azalpenarekin jarraitu du Canciok: "Berez, ez du ematen usaimen-ahalmen handirik dugunik, baina 3.000 gene ditugu horretarako, eta usaintzen duguna da histokonpatibilitate-konplexu nagusia. Hala, usaimenaren bidez, gurearekiko histokonpatibilitate-konplexu nagusi desberdinena duen bikotekidea bilatzen dugu, harekin seme-alabak izateko. Horrenbestez, seme-alabek bien nahasketa izango dute". Elosegik esaldi batean laburbildu du Cancioren azalpena: "Maitasuna itsua da, baina ez usaingabea". Horren harira, Estatu Batuetako GenePartner konpainia ekarri dute gogora. Konpainiaren webgunean azaltzen denez, Bernako Unibertsitateko Claus Wedekind ikertzaileak egindako esperimentuan oinarritzen dira. Esperimentu hartan, zenbait emakumezkok elastiko batzuk usaindu zituzten, eta, jarraian, usain erakargarriena zuenetik nazkagarrienera ordenatu behar izan zituzten. Elastiko horiek gizonezko batzuek eraman zituzten jantzita, hiru egunez jarraian, eta, beraz, elastiko bakoitzak jantzita eraman zuen gizonaren usaina zuen. Bada, emaitzen arabera, beraienarekiko histokonpatibilitate-konplexu nagusi desberdinena zuten gizonezkoen usaina zen erakargarriena emakumezkoentzat. Hori aintzat hartuta, GenePartnerrek bezeroen histokonpatibilitate-konplexu nagusiaren geneak aztertzen ditu, eta, alderdi horretatik, genetikoki desberdinenak diren bikoteak sortzeko aukera ematen du. Gene Partnerrenen esanean, "hartara, harreman egonkor eta atsegin baterako oinarriak jartzen dira". Gainera, haur osasuntsuak izango dituztela baieztatzen dute. Sexuaren albo-ondorioak Baina sexuak baditu alde txarrak ere. Horietako bat, trukean ordaindu beharreko prezioa da, Elosegiren ustez: "Prezio ebolutiboa oso garestia da. Izan ere, kumeen erdiak ez dira ugalduko. Gehienez ere, lortuko dute eme bat estaltzea eta hura ernaltzea. Baina kumeen erdiak arrak dira, eta arrek ez dute kumerik izaten". Eta egoera are korapilatsuagoa da bi sexu baino gehiago dituzten espezieetan. Hain zuzen, Canciok milaka sexu desberdin dituzten onddo batzuk aipatu ditu ( Schizophyllum commune ): "Normalean bi sexu bereizten dira, ekoizten dituzten gametoen neurriaren eta kopuruaren arabera: gameto asko eta txikiak sortzen dituztenak arrak dira, eta handiak eta bakanak ekoizten dituztenak, emeak. Onddo horiek, baina, hainbat eta hainbat aldaera dituzte; horietako bakoitza sexu bat da". Hain urrutira joan gabe eta bi sexu bakarrik izanda ere, batzuk gameto handi eta bakanak sortzen eta besteak gameto asko eta txikiak ekoizten espezializatuta egoteak asimetriak dakartzala esplikatu du Elosegik: "Emeak arrak baino askoz ere gehiago inbertitu du bere gametoan, eta ez bakarrik energetikoki. Hain zuzen, galdutako aukerak ere inbertsio bat dira; hau da, emeak, ernaltzean, denbora-tarte luze baterako berriro ernari geratzeko aukera galtzen du, eta hori ez zaio gertatzen arrari. Hortaz, arraren eta emearen interesak ez datoz bat". Bestalde, nahiz eta mutazio batzuk galtzeko aukera ematen duen, berez, meiosia gertatzen denean trisomiak eta beste irregulartasun batzuk gertatzeko arriskua oso handia da. "Halakoak askoz ere ugariagoak dira ugalketa sexualean asexualean baino. Hori koste bat da", esan du Elosegik. "Horrez gain, bikotea topatzeko lana dago", gehitu du Canciok. Pirinioetako hartzarekin gertatutakoa ekarri dute gogora bi biologoek: azkenean jaio ziren guztiak arrak izan ziren, eta horrek populazioa galtzea ekarri zuen. Bai, sexua garestia da. Baina nolakoa litzateke mundua sexurik gabe? Elosegik erantzun biribila eman du: "Zeharo aspergarria izango litzateke. Begiratu ingurura, eta ikusten dituzun egitura eta portaera deigarrienek, bitxienek eta nabarmenenek sexuarekin zerikusia dute: txorien kantuak, lumen koloreak, mandrilen ipurdia, dantza ikusgarriak... Sexurik gabe, akabo hori dena. Mundua oso grisa izango litzateke". Aukera onena, hermafrodita izatea? Sexuaren onura guztiak eta desabantailetako bat bera ere ez izateko aukera onena hermafroditismoa izan daitekeela dio Canciok: "Hau da, norbera izatea bai emea bai arra". Alabaina, hermafroditismoa ez da oso ohikoa; beraz, ez da itxura batean ematen duen bezain arrakastatsua. Canciok azaldu du zergatik: "Izan ere, gorputz berean dauzkazu arra eta emea, eta bataren eta bestearen interesak ez dira berdinak. Hortaz, gorputz berean lehia daukazu". Elosegik Canciok esandakoa indartu du: "Ezinezkoa da makina bat diseinatzea gauza bat eta haren kontrakoa egiteko, eta makinak arazorik gabe funtzionatzea eta eraginkorra izatea. Eta hemen ere gauza bera gertatzen da". Hala ere, badaude kasuak, hala nola bareetan, barraskiloetan, landareetan, arrainetan... Arrainetan, gainera, badaude aldi bereko hermafroditak, eta baita txandakako hermafroditak ere: sasoi batean arrak dira eta gero eme bihurtzen dira, edo alderantziz. Ez du zentzuzkoa izan beharrik Sexuaren ondorioz sortutako paradoxa nabarmenetako bat paumaren buztana da, baina antzeko kasu ugari daude. Ezaguna da Alfred Rusel Wallacek eta Charles Darwinek horren gainean izandako eztabaida. Wallaceren ustez, ezaugarri ikusgarri baina espeziearen iraupenaren ikuspuntutik ulertezin horien jatorrian, beti zegoen "zentzuzko" arrazoi bat. Darwinentzat, ordea, arrazoi horrek ez zuen zertan zentzuzkoa izan. Gerta zitekeen, besterik gabe, pauma eme bati ar buztanluzeak gustatzea eta harekin kumeak izatea; kume arrek buztan luzea heredatuko lukete, eta kume emeek, ar buztanluzeekiko gustua. Hau da, ezaugarri horren jatorria kapritxo hutsa izan daiteke. Elosegiren esanean, denborak eta ikerketek arrazoia eman diote Darwini. "Bi hipotesi daude: good genes , gene onena, eta sexy son, seme erakargarriarena. Eta gaur egun badaude nahiko ebidentzia sexy son hipotesia frogatzen dutenak, alegia, agerian uzten dutenak kasu batzuetan ez dagoela zentzuzko arrazoirik ar baten arrakastaren atzean". Richard Prum ornitologo ospetsuaren lana ekarri du gogora Elosegik, hori azaltzeko: "Prumek lan handia egin du hegaztien lumen koloreekin, eta garbi utzi du batzuetan hala dela, alegia, kolore biziagoak dituzten txoriak ez direla besteak baino osasuntsuagoak edo gene hobeagokoak zertan izan. Tarteka hegazti batek inoiz ikusi gabeko kolorea nola egin topatzen du, eta horrek sekulako arrakasta ekartzen dio emeen artean, kolorazio berri hori hedatuz. Horrek ez duen esan nahi gene onaren hipotesia okerra dela, noski; batak ez du bestea baztertzen". Zakilaren eboluzioa Ibon Cancioren iritziz, egitura gutxik dute zakilak adinako aldaera espezieen artean. "Noski, alderdi horretatik, zakilaren parekoa da emeen ugaltze-aparatua, batak bestearekin bat etorri behar baitu; baina normalean arren organoa agerian egoten denez, eta emeena, berriz, ezkutuan, errazagoa da zakila aztertzea emeen alua edo ugaltze-aparatua baino", zehaztu du Canciok. Aurkitu den zakil zaharrena duela 425 milioi urtekoa da. Haren jabea krustazeo bat zen, eta, itsas hondoan, sumendi baten errautsen azpian, gelditu zen harrapatuta, gaur egun Herefordshire dagoen lekuan (Ingalaterra). 2003an aurkitu zuten, eta Colymbosathon ecplecticos izen zientifikoa jarri zioten (zakil handiko igerilari harrigarria, gutxi gorabehera). Gaur egun, era askotako zakilak dituzte munduan dauden milaka espezieetako arrek: jabearekiko handiak, txikiak, lau burukoak, birakariak... Batzuek, zakil bat baino gehiago dute: suge eta musker batzuek zakil bikoitzak dituzte, eta itsas platelmintoek, dozenaka. Intsektuen artean ere sekulako oparotasuna dago, baina guztietan luzeena Balanus glandula krustazeoak du, gorputza baino 40 aldiz luzeagoko zakila baitu. Zutitzeko moduak, ordea, askoz ere mugatuagoak dira. Ugaztunetan hiru daude: hezur baten bidez (karraskariak, haragijaleak, primate gehienak); egitura fibroelastiko baten bitartez (zerria, zezenak, baleak); eta soilik hidraulikoak (gizakia, zaldia, armadilloa). Hainbeste aldaera egonda, zaila da bakarren bat nabarmentzea, baina Arturo Elosegi eta Ibon Cancio bat datoz giza zakila berezitzat jotzean. Hurbileko ahaideenekin alderatuta, giza zakila, handia izateaz gain, bitxia ere bada. Besteek ez bezala, burua du muturrean (glandea), eta koroa bat haren inguruan. Hain egitura bereziak "zerbaitetarako" izan behar duelakoan daude Elosegi eta Cancio, eta semena ordezkatzearen hipotesia azaldu dute. Gordon Gallup psikologo eboluzionista da hipotesi horren aitatako bat, eta ikerketa esperimentalak ere egin ditu hipotesia zuzena dela frogatzeko. Emaitzak "The human penis as a semen displacement device" artikuluan argitaratu zituen, hau da, "Giza zakila semena ordezkatzeko gailu gisa". Hipotesiaren arabera, zakilaren itxura ez da zoriaren ondorio, baizik eta funtzioak bultzatutakoa, eboluzioan zehar. Eta funtzioa hau da: beste ar batek emearen baginan utzi duen semena kanporatzea. Horretarako bereziki eraginkorra da glandearen inguruko koroa. Elosegiren esanean, hortik ondoriozta daiteke giza espeziea ez dela izan (eta ez dela) batzuek uste duten bezain monogamoa. Gu eta gure sexua Animalia sexudunak gara, eta, alderdi horretatik, ez gara asko bereizten beste ugaztunetatik. Askok, ordea, ukatu, ezkutatu edo moldatu egin dituzte ugalketa sexualak gure espeziearen izaeran eta jokabidean dituen ondorioak, eta erlijioan edo ikasketa-prozesuetan oinarritu dira haiek azaltzeko. Aldiz, psikobiologo eboluzionistek biologiaren eta eboluzioaren ikuspegietatik aztertzen dituzte besteentzat tabu diren gai batzuk: seme-alabekiko jarrerak, desleialtasuna eta jeloskortasuna, monogamia eta poligamia, orgasmoa, maitemintzea, homosexualitatea... Izatez, ez baikara hain bereziak ere. Eduardo Fano EHUko psikobiologoaren esanean, adibidez, "gure espezieak eta bere arbaso zuzenak ehunka mila urte daramatzate egungoa ez den ingurumen batetara egokitzen. Egokitzapen guzti horrek eraginik izan ez balu bezala aztertzen ditugu gure jokabidearen inguruko auzi asko. Hau da, nor garen ahaztu dugu, eta ez ditugu ikusi nahi izan begi-bistakoak diren zenbait fenomeno". Horren adibidetzat jo du "beste espezie askotan bezala, anisogamiatik eratortzen den inbertsio parental bereiziak ekar dezakeen guztia". Segidan eman du azalpena: "Gure espeziean, sexuetako batek, emeak, gameto gutxi eta handiak ekoizten ditu, eta, besteak, arrak, txikiak eta ugariak. Hortaz, emeentzako ugalketa oso garestia da, eta guretzako [arrentzako], askoz ere merkeagoa. Gainera, emeak haurdunaldian eta edoskitze garaian egiten duten inbertsioa arrena baino askoz ere handiagoa da. Horrek ekarri du, besteak beste, lehia intrasexuala arren kasuan, eta sexu-dimorfismoa, hau da, arrak eta emeak itxura-aldetik eta beste zenbait arlotan desberdintasun ugari izatea". Hala ere, gauza batetan salbuespen txiki bat garela uste du Fanok: "Gure espeziean arrak kumeen zaintzan egiten duen inbertsioa handiagoa da gure taldeko beste primate-espezieetan baino. Hain zuzen, gure espeziean, zaintzan inbertitzeak ugalketa-arrakasta handitzea ekar dakioke". Inbertsio hori bi eratakoa izan daitekeela gaineratu du, "materiala eta presentziala, hau da, baliabide materialak jar ditzake, edo zaintza-denbora eman dezake". Oteloren arrazoiak Arraren inbertsio horrek emearen jagoletza ere badakarrela ohartarazi du Fanok: "Izan ere, arrak bikote batekin izandako kumeak bizi eta hazi daitezen egindako inbertsioa handia denean, asko galtzen du emeak beste ar batzuekin ugaltzerakoan, gerta baitaiteke beste ar batenak diren geneak dauzkan kumearen hazkuntzan inbertitzen aritzea". Hori ez da gertatzen beste animalia-espezie batzuetan. Arrek oso gutxi inbertitzen duten espezieetan, emeek ez dute hain jagoletza zuzena jasaten, ez baitute inbertsio handirik galtzen. Beste bat da haien estrategia: ahalik eta eme gehien estaltzea. Bestalde, emakumezkoek ere ez dituzte gizonezkoek dituzten arazo eta interes berberak, Fanok azaldu duenez: "Emakumezkoak gene onak lortu baditu bikotetik kanpo, eta bikotearen barruan, berriz, zaindari on bat badu, ez du arazorik. Hala ere, neurri batean, gure historia ebolutiboan zehar, gure espezieko emeari interesa liezaioke ar bati lotuta egoteak ekar dezakeen lasaitasuna, bikote den arrak taldeko gainerakoak aldendurik manten bailitzake". Beste ikerketa batzuk ere ekarri ditu harira Fanok. Haien arabera, emakumezkoek askoz ere errazago barkatzen dute desleialtasun fisikoa gizonezkoek baino. Baina gizonezkoei emakumezkoei baino min txikiagoa egiten die desleialtasun emozionalak fisikoak baino. "Eta hori unibertsal bat dela dirudi. Nahiko unibertsal matxista, baina kontua da eboluzioak ez dituela horrelako gauzak kontuan hartu". Horrenbestez, Fanoren iritziz, gure espeziean, bai emeek bai arrek, biek dituzte arrazoi biologikoak eta ebolutiboak bikote egonkorrak osatzeko. "Eta badira hipotesiak azaltzeko zergatik gure espezieko arrek inbertitu behar duten gehiago gertuko beste espezieetakoek baino", zehaztu du Fanok. "Adibidez, hipotesietako batek dio arrazoia haurren garapen motela dela. Izan ere, denbora asko behar du garatzeko, eta denbora horretan, gainera, inbertsio handia eskatzen du. Foley-k eta Lee-k, 1991ean, kalkulatu zuten gure espezieko haur batek lehenengo 18 hilabeteetan txinpantzeen kume batek baino % 9 baliabide gehiago behar dituela. Hori pila bat da! ". Zenbait talde eta kulturatan egindako ikerketek hipotesi horren alde egiten dutela baieztatu du Fanok. Gainera, ikertzaileek ikusi dute ugaltze-unitatean baliabide material asko inbertitzen dituzten gizonezkoek ez dutela denbora asko igarotzen semea edo alabarekin; eta alderantziz, ondasun materialak jarri ezin dituenak denbora gehiago ematen duela haren ondoan. "Gizartearen goiko mailan, aberatsenean, oso ondo ikusia dago gizonezkoak ondasun asko izatea, eta ez zaio eskatzen seme-alabekin egoteko. Aldiz, beheko mailan, askoz gehiago balioesten da seme-alabak zaintzeko eta haiekin egoteko jarrera duen gizonezkoa". Poligamiaren eta monogamiaren artean Fanori garrantzitsua iruditzen zaio monogamia eta poligamiaren auzia argitzea: "Kulturen gehiengo handi bat poligamikoa da. Alabaina, benetan gertatzen dena aztertuz gero, poligamikoak diren horien artean, bakarrik gauzatzen da poligamia baliabide nahikoak dituzten familietan. Hau da, musulmandar gehienek ez dauzkate lau emazte; pobreak badira behintzat, emazte bakarra izaten dute, eta, asko jota, bi". Beraz, monogamia da ohikoena, nahiz eta poligamia onartuta dagoen. "Gure espezieko haur bat haztea eta heztea hain da garestia batez ere bere bizitzaren lehen etapatan, ezen zaintzarako joerak benetan baitu eragina ugal arrakastan". Bikoteratze-sistema horrek, gainera, gizarte osoa egituratzen duela nabarmendu du Fanok. Beste jokabide batzuetan ere aztertu izan dute unibertsalak ote diren. "Buss eta Dunbar-ek egindako lanen arabera, kultura gehienetan emakumezkoek, batez beste haiek baino 4 urte inguru zaharragoak diren gizonezkoak aukeratzen dituzte. Zergatik? ", galdetu du Fanok. Eta, jarraian, erantzun: "Zenbat eta urte gehiago izan gizonezkoek, orduan eta errazago lortzen dutelako estatus bat gizartean. Eta emakumezkoek estatus altua duten gizonezkoak ere hautatzen dituzte, ez bakarrik gene onak dituztenak". Sexurik gabe, zer Fanok aitortu du zaila egin zaiola irudikatzea nolakoa izan litekeen mundua, bi sexuak monomorfikoak balira eta haurrek ez balute eskatuko bi gurasoen zaintza: "Iruditzen zait mundua erabat monokromikoa bihurtuko litzatekeela. Dauzkagun ezaugarri pila bat desagertu egingo lirateke, adibidez, moda, ez bailegoke fisikoki erakartzeko beharrik partenogenesi-bidez edo ugalduko bagina. Baina bikoteka ugaldu beharko bagenu, inbertsioan ezberdintasunak sortu orduko berriro sortuko litzateke sexu-dimorfismoa". Bestetik, bikotearen kide bakoitzak berdin inbertituko balu haurraren zaintzan, gene onen ezaugarriak gailenduko liratekeela uste du Fanok. Zalantza handiak ditu, ordea, gene onak zein ote liratekeen: "Indartsu egiten gaituztenak? Edo adimentsu egiten gaituztenak? Zer eratako adimena? Adimen emozionala gailenduko litzateke? Adimen-moten arteko oreka bat? Ezin dut imajinatu nolakoa litzatekeen gure espeziea sexurik gabe. Beste ugaztun bat ere ezin dut imajinatu, egin kontu! ". Orgasmoa, opari pozoitua Zertarako edo zergatik dute emakumezkoek orgasmoa? Aditu asko saiatu dira galdera horri erantzuten, biologiaren eta eboluzioaren aldetik. Erantzuna ez baita begi-bistakoa: gizonezkoetan gertatzen denaren aurka, emakumezkoek ez dute orgasmoaren beharrik obuluak ernal daitezen. Itxura batean emakumezkoen orgasmoak funtziorik ez duela eta, batzuek gizonezkoen orgasmoaren zorizko azpi-produktutzat jo dute. Beste batzuek, berriz, espermari eusteko funtzioa egotzi diote; horren arabera, orgasmoak obulua ernaltzea erraztuko luke. Bide beretik pauso bat urrutiago joanda, gizonezko batekin baino gehiagorekin koitoa izan eta gizonezkoetako baten esperma hobesteko mekanismoa izan daitekeela ere proposatu dute zenbaitzuek, eta azterketak ere egin dituzte primateen artean, ikusteko ea ar batekin baino gehiagorekin koitoa izan ohi duten espezieetan orgasmoa zabalduagoa dagoen espezie monogamoetan baino. Ikerketa horiek ez dute erabateko erantzunik eman, eta pertsonetan ere egin dira azterketak, orgasmoak gizonezkoen ezaugarriren batekin zerikusirik ba ote duen ikusi nahian. Hala, 1995ean Animal Behaviour aldizkarian Randy Thornhillek argitaratutako lan batek erakutsi zuen emakumezkoen orgasmoek bazutela erlazioa gizonezkoen neurriarekin eta simetriarekin. Gene onak aukeratzearekin lotuta legoke, beraz, orgasmoa. Alabaina, askoren ustez froga gehiago behar dira hipotesi hori frogatzeko, eta baita beste azalpen batzuk ontzat eman edo baztertzeko ere, tartean, bikotekideen artean lotura emozionala sortzeko funtzioa duela esaten duena. Gauzak horrela, Eduardo Fano psikobiologoak ere azaldu du bere ikuspuntua. Harentzat, "opari pozoitua" da orgasmoa: "Sexua oso da atsegingarria guretzat, eta bereziki emakumezkoentzat. Beharko izan! Bestela, nola nahiko du batek sexua izan, jakinik aukera duela bederatzi hilabetez mugatuta egoteko, gero erditu egingo dela eta erditzean bere bizitza arriskuan jarriko duela, eta, gainera, jaioberriari lotuta egongo dela zenbait urtez? Soilik nahiko du trukean zerbait oso-oso ona jasotzen badu. Horretarako dago orgasmoa, horregatik da sexua hain erakargarria". Orgasmoa, opari pozoitua Zertarako edo zergatik dute emakumezkoek orgasmoa? Aditu asko saiatu dira galdera horri erantzuten, biologiaren eta eboluzioaren aldetik. Erantzuna ez baita begi-bistakoa: gizonezkoetan gertatzen denaren aurka, emakumezkoek ez dute orgasmoaren beharrik obuluak ernal daitezen. Itxura batean emakumezkoen orgasmoak funtziorik ez duela eta, batzuek gizonezkoen orgasmoaren zorizko azpi-produktutzat jo dute. Beste batzuek, berriz, espermari eusteko funtzioa egotzi diote; horren arabera, orgasmoak obulua ernaltzea erraztuko luke. Bide beretik pauso bat urrutiago joanda, gizonezko batekin baino gehiagorekin koitoa izan eta gizonezkoetako baten esperma hobesteko mekanismoa izan daitekeela ere proposatu dute zenbaitzuek, eta azterketak ere egin dituzte primateen artean, ikusteko ea ar batekin baino gehiagorekin koitoa izan ohi duten espezieetan orgasmoa zabalduagoa dagoen espezie monogamoetan baino. Ikerketa horiek ez dute erabateko erantzunik eman, eta pertsonetan ere egin dira azterketak, orgasmoak gizonezkoen ezaugarriren batekin zerikusirik ba ote duen ikusi nahian. Hala, 1995ean Animal Behaviour aldizkarian Randy Thornhillek argitaratutako lan batek erakutsi zuen emakumezkoen orgasmoek bazutela erlazioa gizonezkoen neurriarekin eta simetriarekin. Gene onak aukeratzearekin lotuta legoke, beraz, orgasmoa. Alabaina, askoren ustez froga gehiago behar dira hipotesi hori frogatzeko, eta baita beste azalpen batzuk ontzat eman edo baztertzeko ere, tartean, bikotekideen artean lotura emozionala sortzeko funtzioa duela esaten duena. Gauzak horrela, Eduardo Fano psikobiologoak ere azaldu du bere ikuspuntua. Harentzat, "opari pozoitua" da orgasmoa: "Sexua oso da atsegingarria guretzat, eta bereziki emakumezkoentzat. Beharko izan! Bestela, nola nahiko du batek sexua izan, jakinik aukera duela bederatzi hilabetez mugatuta egoteko, gero erditu egingo dela eta erditzean bere bizitza arriskuan jarriko duela, eta, gainera, jaioberriari lotuta egongo dela zenbait urtez? Soilik nahiko du trukean zerbait oso-oso ona jasotzen badu. Horretarako dago orgasmoa, horregatik da sexua hain erakargarria". Maitemintzeak iraungitze-data du Hainbat ikerketak (eta esperientziak) erakutsi dute maiteminak denbora-tarte jakin bat irauten duela, eta gero galdu edo aldatu egiten dela. Helen Fischer antropologoak eta beste ikertzaile batzuek ikusi dute denbora-tarte hori 4 urte ingurukoa dela. Fanok dioenez, "eboluzioaren oparia" da maitemina: "Aztertzen baduzu gure espeziean gutxi gorabehera zenbat urte behar dituen haur batek neurri batean autonomo izateko, ikusiko duzu 3-4 urte direla. Eboluzioak 4 urteko maitemina oparitu digula dirudi, haurrak autonomia-maila hori lortu arte bikoteak lotuta eta gustura iraun dezan". Arg. Elhuyar Bi sexuen sailkapenaz harago Sexologoek eta beste zenbait adituk urteak daramatzate jaio berritan sexu-banaketa bitarrak sortzen dituen arazoak gainditu nahian. Pixkanaka, beste arlo batzuetan ere hasi dira pausoak ematen norabide horretan, eta horren adierazle da, adibidez, Nature aldizkarian argitaratu berri den “Sex redefined” artikulua. Bi sexuen ideia sinplekeriatzat jotzen duten genetikari eta sendagile batzuen iritzia eta proposamena biltzen ditu artikuluak. Euskal Herriko ikertzaile batzuk ere bat datoz haiekin, baina zehaztapenak ere eman dituzte adituek. Jose Antonio Rodriguez EHUko Medikuntza Fakultateko ikertzailea eta irakaslea da, eta aitortu du Genetika Medikoa ikasgaian “betikoa” irakasten jarraitzen dutela: “Hau da, jarraitzen dugu esaten sexu-kromosomek definitzen dutela enbrioiaren sexua, eta, zehazki, Y kromosoman dagoen SYR genea dela enbrioi bat ar bilakatzeko giltza. Hortaz, erraza da: XX, emea; XY, arra. Hori da irakasten duguna, eta, kasu gehienetan, hala izaten da. Batzuetan, ordea, errealitatea bestelakoa da, eta beste kasu horiek agerian uzten dute banaketa hori erraza bai, baina errazkeria ere badela zenbaitetan”. Izan ere, SYR genea giltza den arren, enbrioia eme edo ar bilakatzeko prozesuan beste aldagai batzuek ere parte hartzen dute. Eta horietako edozeinek eragin dezake sexu-kromosomen arabera aurreikus zitekeen bilakaera aldatzea. Hain zuzen, enbrioiak bost aste dituenean, anatomikoki gizon edo emakume bilakatzeko gaitasuna du. Garatzen ari diren giltzurrunen ondoan gonada bihurtuko diren bi gandor daude, eta haien alboan bina hodi-pare. Hodi-pare batek Falopioren tronpak eta umetokia gara dezake, eta, besteak, gizonezkoen barne-genitalen hoditeria. Seigarren astean, obarioak edo barrabilak garatzeko prozesua abiatzen da. Hitz gutxitan azalduta, SYR geneak aktibatzen du barrabilen garapena. Hala, SYR genea espresatzen denean, gandor horietatik barrabilak garatzen dira, eta, horrekin batera, Falopioren tronpen eta umetokiaren aurrekari diren hodiak atrofiatzen dira. Bestalde, barrabilek testosterona ekoizten dute, eta, hormona horren eraginez, gizonezkoen barne-genitalen hoditeria garatzen da, eta kanpo-genitalen garapena ere bideratzen da. Aldiz, SYR genea ez badago edo ez bada espresatzen, obarioak garatzen dira, eta estrogenoa sortzen da. Falopioren tronpen eta umetokiaren bilakaera bideratzen da, eta baita kanpo-genitalena ere, beste faktore batzuekin batera. Hori izaten da prozesua, ia beti. Dikotomiatik espektrora Arg. Elhuyar Ia beti ez da beti, ordea. Nature aldizkariko “Sex redefined” artikuluan bertan gogorarazten dutenez, SYR genea ez da genitalen garapenaren giltza bakarra, urte askoan hala uste izan bada ere. Adibidez, duela 15 urte jakin zen beste gene batzuek (WNT4 izenekoak, esaterako) obarioen garapena sustatzen dutela eta barrabilak garatzeko prozesua eteten dutela. Hala, sexu-kromosomak XY izanik WNT4 genearen aparteko kopia bat dutenek Falopioren tronpak eta umetokia garatzen dituzte, guztiz osatuak ez badira ere. 2011n, berriz, ikertzaileek frogatu zuten, obarioetan espresatzen den RSPO1 genea oker dabilenean, XX duten pertsonek obarioak eta barrabilak garatzen dituztela. Horrelako kasuek agerian uzten dute, beraz, gonaden garapena beti ez datorrela bat sexu-kromosomen arabera espero zitekeenarekin. Gonaden garapenean ez ezik, hormonen ekoizpenean ere aldaerak gertatzen direla erakusten duten adibide batzuk ere ageri dira “Sex redefined” artikuluan. Esate baterako, sexu-hormona maskulinoen errezeptoreek akatsen bat badute, haurrak alua izaten du, Y kromosoma eta barrabilak eduki arren. Aldaerak askotarikoak izan daitezkeela aintzat hartuta, sexuaren sailkapena “espektro” gisa hartzea proposatzen du artikuluan Eric Vilain medikuak. Kaliforniako Unibertsitateko Generoan Oinarritutako Biologia Zentroko zuzendaria da Vilain, eta, haren ustez, ikuspuntu biologikotik, espektroaren ideiak hobeto azaltzen du errealitatea, banaketa bitarrak baino. Ikuspegi bitarra nagusi EHUko Rodriguez ere bat dator sexu-banaketa bitarrak ez duela islatzen genetikoki, fisiologikoki eta anatomikoki dagoen aniztasuna, baina legalki bi aukera baino ez daudela gogorarazi du. “Eta, praktikan, guk ere eskema horri jarraituz ematen ditugu azalpenak gure ikasgaian, onartu du Rodriguezek. “Izan ere, sinplekeria dela jakin arren, kasu gehienetan banaketa bitarra egokia da. Beraz, praktikan, eskema ez da aldatu, eta konplexutasun horretan ez dugu asko sakontzen”. Espainiako Pediatria Elkarteak, berriz, xehetasunez jasotzen du konplexutasun hori “Anomaliak sexu-diferentziazioan” izeneko txostenean. Txostenaren arabera, gaixotasun arraroen artean daude sailkatuta sexu-diferentziazioan gertatzen diren aldaerak. Horrez gain, kasu horien diagnostikoa eta tratamendua diziplinartekoa izan behar duela zehazten du, eta parte hartu beharko luketen diziplinak zerrendatzen ditu: pediatria, endokrinologia, biokimika, genetika, kirurgia, erradiologia, anatomopatologia, psikologia eta psikiatria. Nolanahi ere, Rodriguez erabat ados dago Naturen argitaratutako artikuluaren amaieran Vilainek esandakoarekin: “Norbait emakumezkoa edo gizonezkoa ote den jakin nahi baduzu, berari galdetzea izan liteke onena”. Intersexualitatea, kontzeptu argigarria Hain justu, esaldi horretan dago gakoa, Aingeru Mayor sexologoaren iritziz. Chrysalis Euskal Herria haur transexualen guraso-elkartearen lehendakaria ere bada Mayor, eta, harentzat, hori da egin beharko litzatekeena, kasu guztietan. Dena dela, Nature aldizkarian proposatutakoa “gurpila berriz asmatzea” dela iruditzen zaio Mayorri. Gainera, ez du begi onez ikusten artikuluan nahastetzat jotzea dauden aldaerak. Horren aurrean, intersexualitatearen kontzeptua azaldu du: “Artikuluan azaltzen direnentzat, sexu-dimorfismoak erreferentzia izaten jarraitzen du, eta ez dute aintzat hartzen sexologian duela ehun urte mahaigaineratu zen kontzeptu bat, oso argigarria eta emankorra dena, hau da, intersexualitatea”. Havelock Ellis eta Magnus Hirschfield izan ziren intersexualitatearen kontzeptua landu zuten lehen sexologoak, eta, haien arabera, gizonezkoek zein emakumezkoek, denok ditugu bi sexuetako ezaugarriak, eta horrek sortzen du aniztasuna. “Hortaz, hori da sexologian intersexualitatea, eta ez, batzuek uste duten bezala, organo genital anbiguoak izatea”, argitu du Mayorrek. “Kontzeptu horren arabera, dikotomia gisa ikusi beharrean sexua, continuum gisa hartzen da. Horrela, sexuan dagoen aniztasuna esplikatzen da”, dio Mayorrek. Haren ustez, beste diziplinek ere kontzeptu horrekin egingo balute lana, askoz ere hobeto ulertuko lituzkete nahastetzat jotzen dituzten kasuak, eta ez litzateke arazorik egongo aniztasuna onartzeko eta esplikatzeko. Gizartean ere sexu-dikotomia da erreferentzia. Horren aurrean zer egin daitekeen galdetuta, Mayorrek argi du: “Guk egin dezakeguna da sexua iragarri. Eta ez naiz genital anbiguoak dituzten kasuez ari, horiek zailagoak izan baitaitezke; gehiengoaz baizik. Alegia, esan dezakegu haur bat, zakilarekin eta barrabilekin jaiotzen bada, probabilitate handiz mutila izango dela; eta alua badu, berriz, neska izango dela seguru asko”. Baina bat aipatu du, ordea: “Ikerketa askok esaten dute iragarpen hori okerra izango dela 15.000 kasuetatik batean, eta ikerketa berrienek oker egoteko are aukera handiagoa dugula diote: 1.500 kasuetatik batean, hain zuzen ere. Garbi dago azterketa gehiago egin behar direla, zenbatetan gertatzen den jakiteko, baina, edozein modutara, hasieran egindako iragarpena ez da zuzena izango zenbaitetan”. Ezarri beharrean, iragarri Orain, jaioberriei sexua “ezarri” egiten zaiela esan du Mayorrek. “Jaioberritan, kanpo genitalak zein diren, haurra mutil edo neska sailkatzen da, eta sailkapen horretatik ateratzea oso zaila izango zaio. Horren arabera biziko da: txiza egitera komun batera edo beste batera joan beharko du...” Kasu gehienetan, horrek ez duela arazorik sortzen adierazi du Mayorrek: “Bat datozenean ezarri zaion sexua eta bere benetako sexua ez dago arazorik”. Baina batzuetan ez da hala gertatzen: “Arazo handia sortzen zaigu ezarritakoa eta berak sentitzen duena bat ez datozenean. Izan ere, gizarte honetan dagoen ikuspegia da haurra edo gaztea nahastuta dagoela, eta bideratu egin behar dela, erakutsi behar zaiola zein den bere sexua, alegia, organo genitaletan oinarrituta ezarri zaion horrekin bat egin behar duela”. Hori aldatzeko, sexologoen ekarpena honakoa izan daitekeela proposatu du Mayorrek: “Haurra jaiotzen denean, sexua ezarri beharrean, iragarri egingo genuke, argi izanik iragarpen bat egiten ari garela. Eta edozein unetan ohartzen bagara okertu egin garela, hori onartu, eta agirietan hasieran jarritakoa aldatu egingo genuke, etxebizitzaz aldatzen garenean helbidea aldatzen dugun bezalaxe”. Horrekin batera, Mayorrek uste du premiazkoa dela ikuspegi hori gizartean hedatzea. Hain zuzen, iragarpena oker dagoen kasuetan, oso garrantzisua da gurasoek haurra laguntzea. “Alabaina, gurasoek ez badute ikuspegi hori, ezingo diote lagundu, eta haiek izango dira lehenak ukatzen haurraren izaera. Izan ere, pertsona batentzat neska edo mutila izatea, edo emakume edo gizon izatea, funtsezkoa da bere izatean. Hortaz, berez dena ukatzen zaionean, traba izugarria jartzen zaio ongi bizitzeko”. Mayorrek proposatutako paradigmaren arabera jokatuz gero, ez litzateke horrelako arazorik sortuko, ezta kanpo-genitalak anbiguoak direnean ere: “Orduan ere berdin egingo genuke: saiatu iragartzen zein sexutakoa den, eta itxaron haurra hazi eta esan ahalko digun arte neska edo mutila den, guk jakiteko”. Horretan, beraz, bat datoz adituak: norbaiten sexua jakin nahiez gero, onena, berari galdetzea. Testosteronaren auzia emakumezko kirolarietan Berriki, kirolarien testosterona-mailaren inguruan dagoen eztabaidari buruzko artikulu bat argitaratu du Science aldizkariak. Katrina Karkazis eta Rebecca Jordan-Young dira egileak; lehena Etika Biomedikorako Standford Institutuko ikertzaile eta irakaslea da, eta bigarrena, Barnard Institutuko Emakumeen, generoaren eta sexualitatearen ikasgaiko katedraduna. Azaldu dutenez, Nazioarteko Komite Olinpikoak gizonezkoen testosterona-maila duten emakumeak baztertzen ditu, eta ez die lehiatzen uzten, emakumezkoen kategorian. Alabaina, egileek nabarmendu dute eliteko kirolari emakumezkoetan egindako analisiek zalantzan jartzen dutela testosteronan oinarrituta Nazioarteko Komite Olinpikoak gizonezkoen eta emakumezkoen artean egiten duen bereizketa. Hain zuzen ere, ikerketa batek agerian utzi zuen atleta emakumezkoen % 4,7k gizonezkoetan ohikotzat jotzen den testosterona-maila zutela. Emakumezkoei onartzen zaien maila lortzeko, tratamendu kirurgikoa edo farmakologikoa eman beharko litzaiekeela ere esan dute bi egileek. Haien esanean, Nazioarteko Komite Olinpikoak emakume izan eta emakume gisa bizi diren kirolari horiek diskriminatzen ditu. Hortaz, politika aldatzea eskatu diote, eta emakumezko guztiak onartzea. Horrez gain, arazoa ez dela kirolera mugatzen ohartarazi dute, eta eztabaida, zientifikoa baino gehiago, etikoa eta soziala dela. KANPOKO ISPILUAN Winkel-Tripelen proiekzioa. Irudia: NASA/Domeinu publikoan. Mapak: mundua, norberaren arabera Begirada adina ikuspegi eta ikuspegi adina mapa daude: politikoak eta geografikoak, itsasokoak eta lehorrekoak, mundu osokoak eta eremu txikietakoak; nabigatzeko, azpiegiturak egiteko, orientatzeko edo datuak islatzeko eginak; azalerarekiko leialak, datuen arabera desitxuratuak, artistikoak, turistikoak... Azken finean, inguruaren interpretazioak dira, eta, ingurua era askotara interpreta daitezkeenez, mapak ere askotarikoak dira. Hori bai, haien artean ez dago bakar bat ere akatsik ez duenik: ez dago mapa perfekturik. Zenbaitek gustuko ez izan arren, Mercatorren mapa da ezagunena eta erabiliena. Hala baieztatu du Raúl Ibáñez Torresek ere. Ibáñez Matematikan doktore da, Geometria eta Topologia irakasle EHUn, eta hainbat libururen egile, tartean, “Mapa perfektuaren ametsa” liburuarena. Ibáñezen esanean, ezinezkoa da munduaren mapa perfektua egitea, ez baitago modurik esfera bat irudikatzeko plano batean. “Leonhard Eulerrek 1775ean frogatu zuen ezintasun hori; hortaz, seguru asko, lehenago ere susmatzen zuten. Edonola ere, ordutik badakigu mapa guztiak akasdunak direla”. Hori aintzat hartuta, mapak helburu jakinekin egiten direla azaldu du Ibáñezek: “Oinarrian, gehien erabiltzen diren mapak gauza hauetako batekiko leialak izatea bilatzen dute: azalerak, distantzia laburrenak, edo angeluak, hau da, orientazioa. Izan ere, ezinezkoa da ezaugarri horiek aldi berean gordetzen dituen mapa bat egitea”. Hala, Mercatorrek nabigaziorako sortu zuen bere mapa, 1569an. Eta horretarako benetan praktikoa dela nabarmendu du Ibáñezek: “Zergatik? Bada, loxodromikak, hau da, orientazio konstanteko kurbak, lerro zuzenak direlako. Eta hori oso erabilgarria zen orientatzeko konpasak eta iparrorratzak baino ez zituzten garaian, ezin baitzuten orientazioa etengabe kalkulatzen ibili”. Hori da, beraz, Mercatorren maparen arrakastaren gakoa: nabigaziorako benetan erabilgarria dela. Horregatik hedatu da hainbeste. Hala ere, arazoak ere sortzen ditu: “Itxuragabe handituak ageri dira Groenlandia eta Ipar Hemisferioko herrialdeak, eta Europa munduaren erdian balego bezala agertzen da, eta horregatik batzuek gogor kritikatu dute”, aipatu du Ibáñezek. Baina badira bestelako mapak ere; esaterako, azalerak gordetzen dituztenak. Ibáñezek Lambertena jarri du adibidetzat: “XVIII. mendean, Lambertek mapa isoareal bat egin zuen, hau da, azalerarekiko leiala. Bi punturen arteko benetako distantzia erakusten du, eta oso interesgarria da azalera erreala azaldu behar denerako, baina ez ditu gordetzen ez angeluak ez geodesikak”. Gainera, formak, angeluak eta distantziak gutxi desitxuratzen dira ekuatoretik gertu, baina Poloetara gerturatu ahala, distortsioa handitu egiten da. Nolako helburua, halako mapa Mende horretatik aurrera, mapa asko sortu dira; ehunka, Ibáñezen arabera. “Hainbat eratakoak diseinatu dira: konikoak, zilindrikoak... Eta batzuk dira geometrikoak, proiekzio geometrikoak direlako, eta beste batzuk, berriz, matematikoak, hau da, formula hutsa direnak. Dena da balekoa deskripzio on bat egiteko”. Gauzak horrela, zertarako den, mapa bat hala bestea erabiltzen dela gogorarazi du Ibáñezek: “Demagun mapa batean azaldu nahi dituzula munduko erlijioak, hizkuntzak edo geologia-kontuak. Kasu horretan, mapa isoareal bat erabiltzea da egokiena, agertzen diren lurraldeen neurria benetako azalerarekiko leiala izan dadin. Horrekin batera, itxura aldetik ere ahalik eta distortsio txikiena izatea komeniko da, lurraldeak erraz ezagutzeko moduan azal daitezen. Hortaz, ezaugarri horiek dituen mapa bat beharko duzu”. Beste kasu batzuetan, baina, bestelako ezaugarriak dituzten mapak beharko dira: “Nabigatzeko, lehen esan bezala, angeluak gordetzen dituen mapa bat erabiltzea da aproposena; Mercatorrena, kasurako. Bestalde, bi punturen arteko distantzia laburrena zein den jakin behar baduzu, adibidez, hodiak sartzeko edo beste azpiegitura batzuk egiteko, orduan mapa distantziakide bat komeni zaigu. Badago beste adibide bat, itsusia baina egiazkoa, eta da misil bat jaurti eta non eroriko den jakin beharra; horretarako ere mapa distantziakidea erabiltzen da”. Dioenez, horiez gain, oso erabiliak dira Mercatorren proiekzio zeharkakoak. Besteak beste, hegazkinek eta sateliteek erabiltzen dituzte, ibilbideak lerro zuzenetan azaltzen direlako. Eremu txiki baten irudikapena behar denean ere Mercatorren proiekzio zeharkako bat erabiltzen dela argitu du Ibáñezek, UTM proiekzioa. “UTMk Universal Transverse Mercator esan nahi du, eta asko erabiltzen da Bizkaia bezalako lurralde batetik hasi eta eremu txikiagotarako. Batetik, oso leiala da itxurekiko maila txikian. Bestetik, UTMa meridiano jakinetara moldatuta dago, eta, horri esker, nahi den lekutik igarotzen den meridianoaren araberako proiekzioa aukera daiteke. Horregatik, aproposa da lekuan lekuko mapak egiteko; esaterako, lurralde bateko mendietakoak”. Googlemaps-en ere Mercatorren mapa erabiltzen dela aipatu du. “Izan ere, zoom egitean, lekuak ez dira desitxuratzen. Hortaz, egia da Mercatorren proiekzioa ez dela egokia mundu osoa irudikatzeko, nahiz eta horretarako asko erabiltzen den eta eskola askotan eta liburuetan azaltzen den. Baina beste erabilera batzuetarako aproposa da.” Dena dela, gerta daiteke mapa batek ez gordetzea aipatu diren ezaugarri nagusi horietako bat ere, eta, hala ere, erabilgarria izatea. Ibáñezen arabera, dohain hori dute National Geographic elkarteak erabiltzen dituen mapek. Horietako bat da Winkle-Tripelen proiekzioa. Hain zuzen, 1998an ordura arte erabiltzen zutena, Robinsonen proiekzioa, ordezkatu zuen Winkle-Tripelenak, eta National Geographic elkartearen oinarrizko mapa bihurtu zen. Horren ondotik, beste elkarte eta erakunde askok ere bere egin dute. Euskal Herriko datuak, mapa gainean Egunerokoan, mapen erabilera ohikoenetako bat da datu sozio-ekonomikoak erakustea. Euskal Herrian, Gaindegia Behatokiak sortutako Euskalgeo ataria arduratzen da lurraldearen informazio espaziala lantzeaz eta eskaintzeaz, eta haren arduraduna da Mikel Aiestaran Olano, Kartografia eta Geodesian goi-ingeniaria. Era askotako mapak sortzen dituzte Euskalgeon, betiere Euskal Herria osoa aintzat hartuta. Irudiak: Euskalgeo. Aiestaranen esanean, “maparen kontzeptu klasikoa gaindituta dago hainbat aldetatik, eta Euskal Herriak ere kontzeptu berri horretara etorri behar du”. Azaldu duenez, mapak informazio ugariren baturarekin errealitate geografikoaren irudiak eskaintzen ditu: “Geografia hori, fisikoa bezala ekonomikoa, politikoa... izan daiteke. Gaur egun elementu horiek analisirako erabili ahal izatea da berrikuntza. Hainbat arlotan erabakiak hartzeko, ohikoa izan beharko luke errealitatea aztertzea, denbora errealean eragiketa konplexuak eginez eta errepresentazio grafikoak lortuz”. Dioenez, alderdi teknologikotik garapena oso bizkor doa, “baina Euskal Herriaren kasuan bi arazo ditugu: batetik, informazio estatistikoa hiru administraziotan banatuta egotea, eta, bestetik, Euskal Herria bere osotasunean hartuko duen azpiegitura espazial digital bat falta izatea. Gaindegiak bi lanak egin eta erabiltzaileari eskaintzen dizkio, Europako Batasunaren INSPIRE araudian jasotako irizpideak jarraituz”. Izan ere, Aiestaranentzat, datu espazialak ezinbestekoak dira gizarte ororen garapenak eskatzen duen ezagumendua lortzeko. Hala, lehen lana Euskal Herriko kartografia bateratzea da. “Frantzian eta Espainian proiekzio desberdinak erabiltzen dira, eta, biak bateratzeko, informazioa landu egin behar izaten dugu”, esan du. Behin oinarria sortuta, datu sozio-ekonomikoak islatzen dituzte haren gainean. Aiestaranen esanean, Euskal Herriko egoeraren azterketa egiteko aukera ematen du horrek: “Mapa horiei esker, begi-kolpe batean ikusten da Pirinio aldeko errealitatea eta Bilboko ezkerraldekoa erabat desberdinak direla bata bestearekiko”. Kartogrametan, azalerak datuen arabera desitxuratuta azaltzen dira. Irudian, Europar Batasuneko herrialdeen aurrekontu-gastu garbia 2007-2013 urteetan. Irudia: Anameofmyneryonn/CC-BY-SA-3.0. Aipatzekoa da egiten duten lan guztia software librearen gainean eraikitzen dutela, eta denen eskura jartzen dutela. “Gaindegiak gizarteari lanabesak eskaini nahi dizkio bere azterketak nahi eran egin ditzan”. Euskalgeok Euskal Herriko datu espazial guztien azpiegitura izan nahi duela ere adierazi du Aiestaranek. Hala, besteak beste, Euskalnatura UEUren Natura Zientzien taldeak paisaia-unitateen kartografia sortu zuenean, Euskalgeok bere datu-basera gehitu zuen. Bestalde, ematen dituzten datuak nolakoak diren, irudikapenak era batekoak edo bestekoak izaten direla azaldu du: “Datuak izan daitezke puntualak, lerro-motakoak edo poligono-motakoak. Horrelakoak, modu diskretuan azaltzen dira azaleran, adibidez, udalerri bakoitzaren barruan. Era horretakoak dira langabezia-tasa edo ugalkortasuna. Datu jarraituak, berriz, ezin dira puntu, lerro edo poligonoen bidez adierazi; jarraituak dira lurralde osoan eta horren adibide da, esaterako, airearen poluzioa”. Gainera, proiekzioa moldatu behar duten bezala, datuak ere moldatu behar izaten dituzte, Espainiako Estatistika Institutuak eta Frantziakoak ez baitituzte beti modu berean adierazten datuak. Adibidez, langabezia-tasa kalkulatzeko irizpide desberdinak dituzte batean eta bestean. Horren adierazgarri, bitxikeria bat aipatu du Aiestaranek: Frantzian hamarrekoak eta guzti ematen dute biztanleriaren datua. Gall-Petersen proiekzioa. Irudia: STREBE/CC-BY-SA-3.0. Datuak bateratu ondoren, lurraldearen gainean adierazten dituzte. Aiestaranen arabera, hori oso lagungarria da erabakiak modu objektiboan hartzeko. “Esate baterako, populazioaren adina erakusten duen mapa oso baliagarria izan liteke haurtzaindegi bat edo zahar-etxe bat non eraiki erabakitzeko”. Adierazteko modua ere askotarikoa izaten da. Kasurako, faktore baten nolakotasun edo kopuru desberdinak koloreen bidez erakuts daitezke, hauteskundeetan lurralde bakoitzean zer alderdi nagusitu den erakusteko egiten den bezala, edo kolore-gradienteak erabili... Orain, hiru dimentsioko mapak ere egiten hasiak direla aurreratu du Aiestaranen, eta baita datuaren arabera azalera desitxuratuta dutenak ere. “Hor infografien atalean sartzen gara. Datuak interpretatzeko erraztasuna ematen dute, eta jendeak, gainera ikasi du mapak interpretatzen. Horretan eragin handia izan du Googlemaps orokortzeak; lehen mapak behar zituen jendeak bakarrik erabiltzen zituen, baina orain edonork begiratzen eta erabiltzen ditu”. Dymaxion mapa Hainbeste mapen artean, ez da erraza izango bakarra aukeratzea. Nolanahi ere, Ibáñezek badu bat bereziki gustukoa duena, Dymaxion mapa: “Richar Buckminster Fullerrek diseinatu zuen, eta bi punturen arteko distantzia laburrena erakusten du, baina hori ez da niretzat hain esanguratsua. Niri gehien gustatzen zaidana da iparraldearen eta hegoaldearen ohiko irudikapena hausten duela. Gainera, lurralde ia guztiak lotuta ageri dira, irla handi baten antzera, eta itsasoa inguruan azaltzen da. Horregatik gustatzen zait, lurralde guztiak konektatuta daudelako eta ohituta gauden ikuspegia erabat aldatzen duelako”. Dimaxion proiekzioa. Munduko mapa ikosaedro baten gainazalean dago proiektatuta. Ikosaedroa nahi den erara zabaldu eta bi dimentsiotara eraman daiteke. Nola zabaltzen den, itxura bat edo beste hartzen du munduak: lur-masak elkarren ondoan geratzen dira, irudian bezala, edo ozeanoak elkarri lotuta ikus daitezke, lur-masez inguratuta. Buckminster Fullerek sortu zuen. Irudiak: Chris Rywalt/Domeinu publikoan. Petersen mapak, aldiz, ez zaio iruditzen batere berritzailea: “Berez, mapa hori mende bat lehenago ere bazegoen, laukizuzena izaten jarraitzen du, erdiko meridianoak Europatik igarotzen jarraitzen du, azalerak guztiz desitxuratuta daude... Ez zituen gauza asko aldatu”. Dymaxion mapak, hala ere, badu arazo bat, Ibáñezen ustez: “Hain da apurtzailea, ez da asko zabaldu. Buckminster Fullerren asmakizun askorekin gertatzen da hori; bere garaiko jendeari iraultzaileegiak iruditzen zitzaizkion”. Dena dela, beste proiekzio batzuk ere egokiak iruditzen zaizkio, hala nola Winkle-Tripelena eta Gooderena, eta horiek gaur egun nahiko ezagunak direla dio Ibáñezek. “Biak ere biribil-antzekoak dira eta azalerarekiko leial samarrak”. Arg. Smithore Gehiegi eta eraginkorregiak gara? Sortu zenetik izan duen hedapena eta hazkuntza aintzat hartuta, ez dago ukatzerik gure espezieak arrakasta izan duela. Habitat guztietara egokitzeko gai izan da, eta ahalmen ikaragarria erakutsi du tokian tokiko baliabideak ustiatzeko eta ingurua moldatzeko. Hala, beste edozein bizidunek baino gehiago eraldatu du planeta. Hazkunde eta baliabideen ustiatze neurrigabeek, ordea, ondorio kaltegarri nabarmenak eragin dituzte: biodibertsitatearen galera, klima-aldaketa, baliabideak (energia, ura, elikagaiak) eskuratzeko gerrak eta migrazioak, pobrezia eta bereizkeria... Egoera horri aurre egiteko, banakoek eta tokiko arduradunek hartutako neurriez gain, nazioarteko erakundeek ere egitasmo handiak jarri dituzte martxan, hala nola Milurteko Garapen Helburuak, Giza Eskubideen Munduko Biltzarra, Biodibertsitatearen Hitzarmena, Agenda 21 eta Kyotoko Protokoloa. Guztiak ere asmo onekoak izanagatik, ez dituzte beren helburuak bete. Porrotaren arrazoien artean, batez ere bi azpimarratzen dituzte aditu gehienek. Batetik, herrialde jakin batzuen konpromiso-eza, eta, bestetik, konpondu nahi diren auziak elkar erlazionatuta ez baleude bezala jokatzea. Horren ondorioz, egitasmoak motz gelditu dira. Hawaiiko Unibertsitateko Camilo Mora ikertzailearentzat, baina, huts egiteko arrazoien artean, bada bat ia inork aipatzen ez duena; are gehiago, Moraren ustez, huraxe da, hain justu, arrazoi nagusia: populazioari neurria hartzeko irtenbideak proposatzeari uko egin izana. Giza jardueraren eta biodibertsitatearen arteko harremana ikertzeko Camilo Mora Laborategiaren buru da, eta Ecology and Society aldizkarian berriki argitaratutako artikulu batean azaldu du bere iritzia (Revisiting the environmental and socioeconomic effects or population growth: a fundamental but fadding issue in moder scientific, public and political circles). Ez dira aditu bakar baten hitzak soilik; Morak esandakoa berresten dute nazioarteko erakundeen zein ikertzaile independenteen datuek. Galtzeko arriskuan dauden espezie-kopurua handitzen doan bitartean, gure espeziak ez dio hazteari uzten. Are gehiago, azken hamarkadetan, hazkunde-erritmoa azkartu du: 1800. urtean 1.000 milioi izatetik, 7.000 milioi izatera igaro gara, eta, Nazio Batuen Erakundearen kalkuluen arabera (NBE), 9.600-12.300 milioi izatera iritsiko gara 2050ean, % 80ko probabilitatearekin. Baliabideak, berriz, mugatuak dira, eta ez dira denen artean berdin banatzen; horren adierazgarri da gaur egun 1.000 milioi baino gehiagok pairatzen dituztela muturreko pobrezia eta gosea. Hazkunde etengabea Aurretik egin dituzten aurreikuspenetan, adituak bat zetozen populazioa gutxi gorabehera 9.000 milioikoa izatera iritsiko zela mende honetan, eta orduan egonkortu egingo zela. Orain, NBEren aurreikuspenak ezeztatu egin ditu aurreko kalkuluak. Hain zuzen, populazioa mende honetan ez egonkortzeko % 70eko probabilitatea dagoela iragarri du. Hazkunderik handiena Afrikan gertatuko delakoan dago NBE, populazioa laukoiztea espero baitu (gaur egungo 1.000 milioitik 4.000 milioi ingurura). Munduko beste leku batzuetan, aldaketa gutxiago espero ditu. Asiak, adibidez, 4.400 milioi biztanle ditu gaur egun, eta 2050. urtearen inguruan 5.000 milioi izatera iritsi eta gero populazioa galtzen hasiko dela aurreikusi du. Ipar Amerikak, Europak, Latinoamerikak eta Karibeak 1.000 milioi biztanle baino gutxiagorekin jarraituko dute bakoitzak. Horren aurrean, Morak uste du gehiegizko populazioarekiko kezka “lausoegia” dela oro har, eta erakundeek ez diotela behar adina garrantzia ematen. Adibidez, artikuluan salatzen du Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Erakundeak (IPCC) ia ez dituela aipatu ere egiten populazio-hazkundea, familia-plangintza edo antzeko kontuak. Agintariek ere ez omen dituzte gehiegizko populazioa eta familia-plangintza aintzat hartzen, biztanleen osasuna eta ongizatea hobetzeko neurriak proposatzean. Moraren esanean, “oso litekeena da superpopulazioa agenda zientifikotik kanpo egotea, neurri batean, jendeak gaiaz gutxi dakielako eta ez duelako interes handirik”. Gainera, interesa jaisten joan dela erakusten duten datuak ematen ditu: Estatu Batuetan, 1992an, biztanleen % 68k uste zuen populazioaren hazkundea premiazko arazoa zela; 2000. urtean, % 8k baino ez; eta azken inkestetan, azaldu ere ez da egiten. “Tamalez, jendearen interes mugatuak ekimen politiko mugatua dakar berekin”, dio Morak. Horren adierazle da nazioarteko diru-laguntzetatik familia-plangintzara bideratutako ehunekoa % 55etik % 5era jaitsi dela 1995tik 2005era. Gaiarekiko interes-falta eta familia-plangintzako egitasmoetarako diru-laguntzen jaitsiera ikusita alde batetik, eta garatze-bidean dauden herrialdeetako populazio-hazkundeari erreparatuta, bestetik, Morak ez du sinesten munduko populazio berez egonkortuko denik. Gainera, ohartarazi du populazioaren hazkundea ez dela mugatzen garatze-bidean dauden herrialdeetara: dioenez, Estatu Batuetako lehendakaritzarako hauteskundeetan aurkeztu ziren hautagai batek baino gehiagok 5-7 haur zituzten. “Horrek erakusten du arazoa ez dela garatze-bidean dauden herrialdeena bakarrik, eta sakoneko arrazoiak ez direla soilik pobrezia eta hezkuntza-falta”. Izan ere, leku askotan frogatu da, hezkuntza-maila igo, eta, bereziki, neskak eskolaratzea lortu ahala, neska gazteen lehen haurdunaldiaren adina hazi eta jaiotza-tasa txikitu egiten direla. Morarentzat, baina, hori ez da nahikoa populazioaren hazkundea mugatzeko, eta horren erakusgarri da Estatu Batuetako politikari aberatsen joera. Erlijioak horretan eragina izan dezakeela uste du Morak: Estatu Batuetan, 1970ko hamarkadatik aurrera, zientziarekiko konfiantza gutxitu egin da, batez ere elizara maiz joaten direnen artean. Horri abertzaletasuna gehitzen zaio: nonbait, beldur dira, haur gutxi izanez gero, herrialdeak ahalmen militarra eta teknologikoa galduko dituela. Beraz, populazioaren hazkundeari ezikusia egiteko arrazoiak uste baino sakonagoak dira, eta aldatzen zailagoak. Gehiegi izatearen ondorioak Superpopulazioarekiko eszeptizismoari aurre egiteko, dituen ondorioak nabarmendu ditu Morak, langabeziatik hasi eta galera ekologikora. Adibidez, datorren hamarkadan 640 milioi lanpostu faltako dira mundu osoan, Estatu Batuetako Errolda Bulegoaren arabera. Zor publikoa ere arazo izango dela aurreikusi dute. Ongizateari dagokionez, ez du zalantzarik populazioaren hazkunde azkarrak kalte baino ez duela egiten: gaixotasun infekziosoen hedapenari laguntzen dio, sexu-langile gehiago izatea ekartzen du, migrazioak bultzatzen ditu, gizarte-desorekak sortzen ditu... Bestalde, baliabideak agortzeak ere ondorio lazgarriak ekarriko ditu. Zuzenean pertsonoi eragiten diguten alderdi horiez gain, gainerako bizidunei ere eragiten beste bi auzi ere aipatu ditu Morak: hondamendi ekologikoa, baliabideak agortzearekin zuzenean lotua, eta klima-aldaketa. Esaldi batek ederki laburbiltzen du Moraren iritzia: “behin betiko irtenbideak ez du eskatzen aztarna ekologiko txikiagoa izatea soilik, baizik eta baita aztarna edo oinatz gutxiago izatea ere”. Alegia, aztarna uzten dutenak ere gutxitu behar direla. Hain justu, berriki argitaratu du bere azken txostena, bosgarrena, Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Erakundeak (IPCC). Txostena egiteko, nazioarteko hainbat aditu independentek 30.000 ikerketa aztertu dituzte, eta haien ondorioak garbiak dira: gizakiak eragin zuzena du klima-aldaketan, eta ez bada geldiarazten, kalteak larriak, orokortuak eta atzerabueltarik gabekoak izango dira, bai pertsonetan bai ekosistemetan. Ondorio horretara eraman dituzten datu ugariren artean, ñabardura bat ere egin dute txostengileek: ondorioak pairatzen ari diren gehienek ez dira izan klima-aldaketaren eragile nagusiak. Hain zuzen, orain dela gutxi arte industrializatu gabeko herrialdeetako biztanleak ari dira jasaten klima-aldaketaren ondorio latzenak. Datuak bildu eta ondorioak atera ez ezik, klima-aldaketari galga jartzeko gomendioak ere eman ditu IPCCk. Xedea: industrializazioa hasi aurretik baino 2 °C gehiagoko tenperatura izatea munduan, XXI. mendearen amaieran. Horretarako, berotegi-gasen isuriak % 40-70 jaitsi beharko lirateke 2050erako, eta % 100 2100erako. Hori lortzeko, neurriak maila guztietakoak izan behar dutela diote, hau da lekuan lekukoetatik globaletara, eta bi eratakoak, egoerara egokitzea bilatzen dutenak eta isuriak apaltzeko helburua dutenak. Dena dela, gomendioen artean ez dute aipatu populazioaren hazkundea geldiarazi behar denik ez antzekorik. Horrenbestez, Moraren ikuspegiarekin bat egiten dutenentzat, oso litekeena da IPCCren gomendioak ez izatea nahikoak klima-aldaketari aurre egiteko. Gutxiago izatea, soluzio? Baina, aurreko guztia kontuan izanda, errealista da populazioa mugatzeko neurriak eskatzea? Ezezkoan dago Ibon Galarraga, klima-aldaketa ikertzeko BC3 zentroko zuzendariordea. Superpopulazioa klima-aldaketan eragiten duen faktore nagusietako bat dela onartuta ere, zalantza asko sortzen dizkio populazioa txikitzeko politikak ezartzeko aukerak: “Ez zait errealista iruditzen, eta, gainera, etikoki ere ez da onargarria. Zer egin behar dugu: garatze-bidean dauden herrialdeetako biztanleei haur bakarra izan dezatela eskatu, Txinak bezala? Edo afrikarrei esan behar diegu ez inbertitzeko osasunean? XIX. mendetik dakigu, Malthusen eskutik, populazio-hazkundea garapenerako arazo bat izan daitekeela baina orain arte hazkunde hori gelditzeko martxan jarritako politika orok porrot egin dute”. Are gehiago, PNAS aldizkarian duela gutxi argitaratutako ikerketa baten arabera, populazioa gutxitzea ez da irtenbide eraginkorra ingurumen-arazoak konpontzeko. Adelaida Unibertsitateko ikertzaileek plazaratu duten ikerketa hori (Human population reduction is not a quick fix for environmental problems), eta, haien esanean, bost eratakoak dira gizakiak ingurumenean eragindako kalteak: lurzorua eraldatzea, nekazaritzaren, basogintzaren eta hirigintzaren bidez; ehiza eta arrantzan; espezie arrotzak sartzea; poluzioa eta klima-aldaketa. Eta horiei guztiei, haien arteko elkarrekintza gehitu diete. Diotenez, agerikoa da ingurumenaren gaineko presioa apaldu egingo litzatekeela populazioa txikiagoa izanez gero, eta ezinbestekotzat jo dute azterketa kritikoa egitea, populazioaren neurria egonkortzeko asmoz. Ikertzaileen ustez, ez dago esaterik zein den neurri egokiena, aurrerapen teknologikoen eta soziologikoen mende baitago, baina, Morak bezala, uste dute superpopulazioari ezikusia egiten zaiola eta orain arte proposatu izan diren neurriek kale egin dutela. Horiek horrela, 2100. urtean populazioak izango zukeen neurria kalkulatu dute, egoera desberdinen arabera. Esaterako, ume bakarreko politika ezarriz gero mundu osoan, 2100. urtean populazioa oraingoaren antzekoa izango litzateke, heriotza-tasak orain arteko joerari eutsiko balio. Eta mendearen erdialdean hondamendi bat gertatu, eta 5 urtean 2.000 milioi pertsona hilko balira ere, mendearen bukaeran 8.500 milioikoa izango litzateke populazioa. Alegia, ez muturreko familia-plangintza ez hondamendi bat ez lirateke eraginkorrak izango populazioa txikitzeko. Horrenbestez, ingurumenaren mesedetan, bestelako neurriak hartzea aproposagoa dela ondorioztatu dute. Horien artean daude aztarna ekologikoa ahalik eta gehien txikitzea, berrikuntza teknologikoen eta sozialen bidez; ekosistemak eta espezieak babesteko bide argiak diseinatzea; kontsumoa gutxitzea; eta populazioaren neurria epe luzeko auzi gisa tratatzea. Hala eta guztiz ere, ohartarazi dute horrek guztiak ez duela aitzakia izan behar ugalkortasuna txikitzen ez ahalegintzeko: “Horrela, mendearen erdialderako milioika heriotza saihets daitezke, eta, seguru asko, bizitzeko planeta egokiago bat geratuko zaio Homo sapiens-ari”. Alejandro Arizkun Cela: “Hesi bat gainditu behar da: nahi eta nahi ez, gaur egun baino energia eta baliabide gutxiago kontsumitu behar ditugu” Arizkun Cela Ekonomia eta Enpresa Zientzian doktore da, eta ingurumen-ekonomian espezializatuta dago. Irakasle da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta energiaren arloan ari da lanean, Nafarroan bertan. Zein dira gure espezieak eta gure gizarteak planetan izan dituen eragin nabarmenenak? Lehenik eta behin, planeta bete du. Mundu osoan barreiatu da, beste espezieen lekuak hartuz. Hortaz, biodibertsitate-galera eragin du. Gainera, lekua hartzeko modua gero eta gogorragoa izan da: batetik, toki guztietara iritsi da; bestetik, ingurua eraldatzeko gaitasuna handitu egin da, eta gero eta baliabide biologiko eta geologiko gehiago ustiatu ditu. Hau da, gutako bakoitzak lehen baino gehiago eragiten dugu inguruan. Hala, aztarna ekologikoa gero eta nabarmenagoa da, baina ez bakarrik aztarna, baita kontzeptu horretan sartzen ez diren beste elementu batzuk ere. Adibidez, konposatu artifizial toxikoen ekoizpena ez da aintzat hartzen aztarna ekologikoan, baina hori ere ikaragarri areagotu da. Substantzia horietako asko ez dira biodegradagarriak, eta, beraz, metatu egiten dira, eta ondorioak sortzen dituzte katean. Horrekin batera, baieztatu da eragile geologiko handiena giza espeziea dela; lurrikarak, haizea, ura eta halakoak baino handiagoa. Eragile naturalen ondorioak gainditzeko ahalmena izan dugu, eta haietako batzuk sortzeko gai ere bagara: esaterako, haustura hidraulikoarekin lurrikarak sortu ditugu kasu batzuetan. Eragin hori, ordea, globala da, edo eremu jakin batzuetara mugatzen da? Eragin batzuk lokalak dira, eta beste batzuk planeta-mailakoak. Ez da oso zehatza, baina esan dezakegu kutsatzaile solidoek eragin lokala dutela, eta gaseosoek, globala. Likidoak, berriz, tartean egongo lirateke. Begi bistakoa da karbono dioxidoaren eragina globala dela. Eta zer gertatzen da? Bada, karbono dioxidoak sortutako klima-aldaketaren ondorioak jasaten dituena ez dela gehien isurtzen duena, baizik eta aurre egiteko baliabide gutxiago dituena. Aldiz, hondakin solidoen ondorioak lekuan sumatzen dira. Baina horien kasuan ere, ondorioak ez dituzte sortu dituztenek jasaten, beste leku batzuetara esportatzen baitituzte. Hortaz, eraginak non gertatzen diren herrialdeen eta gizarte-taldeen arteko botere-erlazioaren eta ekonomiaren araberakoak dira. Horretan oinarrituta, batzuek esaten dute alferrikakoa dela tokian tokiko neurriak hartzea. Ados zaude horrekin? Ea, kasu jakin batzuetan, neurri lokalek arrakasta izan dute. Esate baterako, Londresko smoga desagertzea lortu dute. Nola egin dute? Ahalegin ikaragarria eginda eta baliabide asko erabilita. Nork egin dezake? Baliabide ekonomiko eta teknologiko nahikoak dituenak, eta biak lotuta joan ohi dira. Beste herrialde askok, ordea, arazo bera dute, eta ezin dute konpondu, ez dutelako baliabiderik. Orduan, badago konponbiderik? Bai, jakina, baina, horretarako, hesi bat gainditu behar da: nahi eta nahi ez, gaur egun baino energia eta baliabide gutxiago kontsumitu behar ditugu. Eta hori ez da erraza, horrek dakarrelako boterea eta ekonomia beste era batera banatzea; izan ere, modu berezituan egin beharko litzateke, herrialdeen eta gizarte-mailen arabera. Alegia, jatekorik ez duen giza talde bati ezin diogu eskatu energiaren erabilera murrizteko; lehenik, gehien kontsumitzen duenak hasi beharko du gutxiago kontsumitzen. Lagungarria izan daitekeen beste aldagai bat aurrerapen teknologikoa da. Hala ere, nire ustez, gehiegi puztu da alderdi horretan teknologiak egin dezakeena. Ikusi besterik ez dago: azken urteotan aurrerapen teknologiko nabarmenak izan ditugu, eta ingurumenean eragiten dugun presioa ez da gutxitu; alderantziz. Kontuan izan behar dugu gure gizartearen pentsamendua eraginkortasun ekonomikoari lotuta egon dela. Alegia, merke ekoiztera bideratu da, eta ez du bilatu eraginkortasun fisikoa, hau da, baliabide energetiko eta material gutxiago erabiltzea. Eta hor hobetzeko tarte handia dago. Norabidea aldatuz gero, asko aurreratu daitekeela uste dut. Edonola ere, egia da, azken urteotan, krisia egon den lekuetan, hazkunde ekonomikoa moteldu egin dela, eta, batzuen iritziz, hau inflexio-puntu bat izan daiteke aldatzen hasteko. Nik, ordea, oraingoz ez dut ikusten hori horrela izango denik; agintarien adierazpenei erreparatuta, behintzat, ez du ematen aldatu nahi dutenik, baizik eta lehengora itzuli, eta, bestela ere, ez dut aldaketa-zantzurik antzematen. Susmoa dut, krisi ekonomikotik aterako bagina, berriro hazkunde ekonomikoaren bidetik jarraituko genukeela. Hazkundea seguruenik lehen baino apalagoa izango litzateke, baliabide fisikoak urriagoak direlako, baina norabide berean joango ginateke, horrek hondamendira garamatzala kontuan hartu gabe. Eta zerbait egin daiteke horren aurka? Jakina, eta batzuek dagoeneko hartu dute bide hori. Gutxiagorekin hobeto bizitzean datza. Horretarako, ongizatea hobeto bizitzea dela ulertzea da gakoa, eta ez gauza gehiago izatea. Adibidez, batek aisialdiko denbora joko sofistikatuenarekin jolasten igaro dezake, edo paseatzera joan daiteke. Lehenengo aukeran, material batzuk eta energia kontsumituko ditu, eta bestean, berriz, kontsumoa hutsala da. Eta nola aldarazi daiteke kontsumoan oinarritutako sistema? Hori arazo politikoa da. Zenbat eta banako gehiagok aldatu norabidea, orduan eta presio handiagoa sentituko dute agintariek beste era bateko politikak ezartzeko. Eta ez du ematen beste aukerarik dagoenik; bestela, gizarte hau kolapsora doa. (Argazkia: Artxibokoa) Mundua gu gabe Zer gertatuko litzateke munduan bat-batean giza espeziea desagertuko balitz? Galdera horri erantzuteko, imajinazio-ariketa bat egitera gonbidatu ditugu EHUko hiru ikertzaile: Arantza Etxeberria filosofoa, Kepa Altonaga zoologoa eta Unai Ugalde biokimikaria. Interesgarriak irudituko zaizkizulakoan, haien erantzunak irakurtzera gonbidatu nahi zaitugu, irakurle. Eta, gero, ausartuko zinateke zu ere erantzuna bilatzen? Lehen galderari erantzunez, badaude lehendik ere hainbat artikulu eta liburu. Ezagunenetakoen artean daude Bob Holmes biologoaren "Imagine Earth without people" ("Imajinatu mundua gu gabe") artikulua, New Scientist aldizkarian, eta Alan Weisman kazetariaren The world without us ( Mundua gu gabe ) liburua. Ariketa edo jolas hau egiteko proposatzeko deitu genienean, bi lan horien aipamena egin genien; hala ere, horietara lotu gabe, jolas librean aritzeko eskatu genien. Gaia jarri eta astebete igaro ondoren bildu ginen bakoitzarekin. Arantza Etxeberria: galderaren garrantzia Galdera horren gainean pentsatzen hasita, filosofo gisa hau bururatu zait: zenbat aldatu den gizartearen pentsamoldea azken urteetan, eta, batez ere, XX. mendean. Tradizio filosofikoak beti hartu du gizakia kreazioaren erdigunetzat. Hala, duela gutxi arte, pentsatzen zen Lurra eta Lurreko baliabide guztiak gizakiaren zerbitzura zeudela. Orain hori aldatu egin da, gizakiak natura berraurkitu egin du; konturatu gara lotura sakona dugula bai Lurrarekin bere osotasunean, bai beste bizidunekin: haien tokian jartzeko gai gara, nolabaiteko kide sentitzen ditugu. Horregatik, zuen galderaren aurrean esan liteke Lurrarentzat eta bertan dauden beste bizidunentzat mesedegarria izango litzatekeela gu desagertzea. Eta hori sekulako iraultza da. Balioen sistema aldatzen ari da; XIX. eta XX. mendeko hainbat ekologo ospetsuk adierazi zuten naturak berez duela balioa, guri ematen digunaz edo guk hartzen dugunaz haratago. Haiek gabe, orain inork ez luke galdera hori egingo, eta, are gutxiago, inork ez luke pentsatuko galderak planteatzen duen egoera onuragarria izango litzatekeenik biziarentzat. Baina hainbeste kalte egin diegu hainbeste ekosistemari, orain logikoa dirudi pentsatzea gu gabe loratu eta garatu egingo liratekeela. Bi lerro daude biziaren balioaz hausnarketa egiteko, banakoari edo osotasunari begira egindakoak. Baliotsuena banakoa dela uste duen pentsamoldeak izakien konplexutasunari begiratzen dio, eta hor nabarmendu behar da gizakia desagertzearekin batera adimena eta kultura-adierazpenak desagertuko liratekeela epe luzerako. Halere, gizakiaren konplexutasuna beste bizidunei lotua dago, eta gure pentsatzeko, sentitzeko eta egiteko gaitasunak ez daude beste zenbait animalik dutenengandik hain urruti. Hortik etorri da animaliekiko betebeharrak, eta zenbaiten kasuan baita haien eskubideak ere, onartzea, haien ongizateaz arduratzea. Dena den, gure espeziea desagertzea galera izugarria izango litzateke, konplexutasun indibidual horretatik begiratuta. Aitzitik, ekologian eta filosofian gero eta indar handiagoa duen osotasunari begira dator kezka: orain bizi garen moduan biziz gero gu galduko bagina, biziak bere osotasunean irabazi egingo luke, biodibertsitateak gora egingo lukeen neurrian behintzat. Eta erantzun horrek bizimodu-aldaketa sakona eskatzen digu. Kepa Altonaga: oreka berria Hemen beste liburu bat dut, Dougal Dixon-en After man. A zoology of the future , eta liburu honetan azaltzen da nolakoa izan daitekeen fauna Lurrean, gizakia desagertu eta 50 milioi urtera. Oso interesgarria da, baina kontuan hartu behar da 1981ekoa dela, eta garai hartan ez zen onartzen hondamendi izugarriak egon zitezkeela iraganean, eta haiek eragina izango zutela eboluzioan. Gerora sortu zen dinosauroen desagertzea meteoritoaren talkarekin lotzen duen teoria. Liburu hau, ordea, teoria hori sortu baino lehenagokoa da. Egileak klima-aldaketa bat egongo dela planteatzen du liburuaren hasieran, eta, gizakiak denbora asko egin duenez eboluzioaren eraginetik kanpo, ezingo dela egokitu eta, halako batean, desagertu egingo dela. Hortik aurrera azaltzen du eboluzioak zer egingo zukeen. Hasieran, egongo litzateke denbora-tarte bat guztiz kaotikoa; izan ere, gizakirik gabe, egoera guztiz aldatzen da, eta egoera berri horretan oreka lortu behar da. Dixonen arabera, oreka hori gizakia desagertu eta handik 50 milioi urtera iritsiko da. Orduan, biomaz bioma, bakoitzean egongo diren animaliak proposatzen ditu. Adibidez, klima epeleko baso eta belardietan, untxietatik abiaturiko animalia batzuk proposatzen ditu. Harrapariak ere egongo lirateke, noski, eta arratoietatik abiatuta arratoi moduko otsoak-edo asmatzen ditu. Arratoien antza lukete, baina handiagoak lirateke, eta taldean ehizatuko lukete. Lur azpian, berriz, satorretatik abiatutako animaliak nagusituko lirateke. Azken batean, liburu honetan zer dago? Dixonek pentsatzen du aldaketa gradualistiko bategatik desagertu dela gizakia, eta, 50 milioi urte geroago, animalia horiek daude Lurrean. 1990etik hona, baina, katastrofeek beste onarpen bat dute. Ikuspegi horretatik aztertzen dira orain suntsipen osteko espeziazio-kontuak. Adibidez, orain ulertzen dugu duela 65 milioi urte baino lehenago dinosauroak izan zirela nagusi Lurraren historiaren zati batean. Baina, desagertu zirenean, hainbat txoko ekologiko hutsik laga zituzten. Gainerako espezieak lasterketa batean sartu ziren orduan, eta, norberaren gaitasuna aintzat hartuta, eta bakoitzaren egokitzeko ahalmenaren arabera, garaile ebolutibo batzuk egon ziren. Hala, ugaztunek ikaragarrizko gorakada izan zuten, eta hegaztiek ere hainbat txoko hartu zituzten. Eta hemen badago kontu interesgarri bat. Noiz bete zuten ugaztunek eta hegaztiek dinosauroek utzitako lekua? Bada, desagertu eta handik 35-45 milioi urtera. Orduan, orain planteatzen badugu gizakia desagertu egingo dela, eta iraganean zer gertatu den ikusita, pentsa dezakegu 50 milioi urte inguru beharko direla oreka lortzeko. Hain juxtu, denbora hori aipatzen du bere liburuan Dixonek ere. Eta oreka berri horretan, zer? Seguruenez, talde bat gailenduko da. Gizakiaren oraingo nagusitasuna epifenomeno bat da, alegia, bigarren mailako fenomeno bat. Ugaztunak dira talde nagusia, eta horien barruan dago gizakia. Garai jakin batean, nagusitu egin da, baina, eskala geologikoan, une bat besterik ez da. Hortaz, gizakia desagertu ondoren ere, talde bat nagusituko da, ez espezie bakar bat. Ikusi egin beharko litzateke zer kondizio dauden Lurrean kasu horretan, eta kondizio horietan ondoen moldatzen direnek egingo dute aurrera. Adibidez, gaur egun, gizakiaren ondorioak gehien sufritzen dituzten animaliak ugaztun handiak dira, hala nola primateak eta habitatik gabe geratzen ari diren beste animalia asko. Haientzat, mesedegarria izango litzateke gizakia desagertzea. Baina pentsatzen badugu gizakia desagertzeak ekarriko dituen baldintzak gaur eguneko bizidunentzat erabat kaltegarriak izango direla, oso bestelako egoera bat sortuko litzateke. Adibidez, guk orain oxigenoa arnasten dugu, eta ezinbestekoa zaigu bizitzeko, baina oxigenoa zianobakterioek metabolismotik ekarri zuten substantzia guztiz kutsatzailea da. Eboluzioak, gerora, lortu du horra moldatzea, baina, berez, oxigenoa oxidatzailea da... Orduan, esate baterako, gizakia desagertutakoan erradioaktibitate handia geratuko balitz, badaude bakterio batzuk horrekin ondo bizi direnak, eta agian hortik joango litzateke eboluzioa. Isotopo erradioaktiboak, dena den, denborarekin egonkortu egingo lirateke, eta orduan, egoera beste bat izango litzateke, eta, bitartean, bizidunak egokitzen joango lirateke egoera horretara. Eta beste meteorito bat ere eror daiteke denbora horretan... Hori alde batera utzita, garbi izan behar da, horrelako aldaketa bat gertatzen denean galtzen diren espezieak gero ez direla itzultzen: dinosauroak desagertu ziren, eta ez dira berriro agertu. Gurekin gauza bera gertatuko da. Hau da, gizakia galduz gero, ez da berriro sortuko. Unai Ugalde: izaki adimendunak sortzeko aukera Galdera hori entzunda, bururatzen zaidan lehengo gauza hau da: nola desagertuko litzateke gizakia? Liburu eta artikulu horietan bezala, gizakia besterik gabe desagertu dela onartu, eta hortik aurrera has gaitezke hipotesiak sortzen. Baina niretzat interesgarria da gizakia nola desagertuko litzatekeen pentsatzea. Izan ere, munduarentzat ez da gauza bera gizakia bakarrik galtzea edo harekin batera beste bizidun asko ere desagertzea. Hasteko, zerbait oso nabarmena eta larria gertatu beharko litzateke gizaki guztiak akabatzeko. 6.500 miloi pertsona daude mundu osoan sakabanatuta, eta eragile bakar baten ondorioz den-denak hiltzea izugarri zaila da. Nire ustez, guztiak hiltzeko muturreko aldaketa bat gertatu beharko litzateke atmosferan; bestelako hondamendiekin, iruditzen zait beti geratuko litzatekeela horri aurre egiteko gai den norbait. Kausa gaixotasunen bat izatekotan, berriz, antzutasuna ere eragin beharko luke... Oso zaila da. Demagun, beraz, ikaragarrizko aldaketa gertatu dela atmosferan, eta gizakientzat jasanezina dela eta hil egiten direla. Gizakientzat hain kaltegarria bada, ordea, gainerako bizidunei ere eragingo die. Gutxi batzuk bakarrik geratuko lirateke bizirik. Intsektu batzuk, seguru; azterketa genetikoek eta ebolutiboek frogatu dute lehen ere, dinosauroak galdu zirenean, adibidez, intsektuek aurrera egin zutela. Horrez gain, leku berezietan bizi diren izaki batzuk ere bizirik geratuko lirateke, hala nola lur azpikoak, haitzuloetakoak eta itsas hondokoak. Pentsa dezagun orain denboraldi bat igarotakoan atmosfera bere onera etortzen dela. Orduan, eboluzio berri bat gertatuko litzateke; galdu diren espezieak ez lirateke berriz sortuko, hor egongo bailirateke hondamenditik bizirik ateratakoak, hutsik geratutako espazioa hartzeko prest. Eboluzio horretan, lehenengo itsas ornogabe handiak agertuko lirateke, marmoka erraldoien modukoak. Harrapari handirik ez litzatekeenez egongo, asko garatuko lirateke; mugitzeko egitura berriak izango lituzkete, belak adibidez... Beste ornogabe handi batzuk ere hedatuko lirateke, zefalopodoak, eta horiek itsasoko errege bihurtuko lirateke. Agian espezie ornodun batzuk ere azalduko lirateke, arrain txiki batzuk handituko lirateke, eta planktona jango lukete. Ugaztunak desagertuta egongo lirateke, eta haien lekua beste espezie horiek hartuko lukete. Milioika urte igaroko lirateke horra iristerako, eta, bitartean, lehorrean ez litzateke bizirik egongo. Dena den, ziurrenik hazi batzuk iraun egingo lukete atmosferaren aldaketa horren ondoren, goroldioak eta gimnospermo batzuek, esaterako, eta mikroorganismoek eta onddoek ere bai. Hazi horietatik abiatuta, denborarekin, berriro landaredia sortuko litzateke lurrazalean. Itsasoan ere biodibertsitatea handitzen joango litzateke, eta, lehen gertatu zen bezala, oso litekeena da harraparietatik babesteko espezie batzuk lehorrera ateratzea arrautzak jartzera. Lurrean mugitzeko gaitasuna izango lukete, adibidez, olagarroen garroen moduko egiturei esker edo... Eboluzioan aurrera eginda, lurrazalean bizitzeko gai diren animaliak sortuko lirateke, eta baita hegoak dituztenak ere, hegalariak. Hori bai, ez lirateke izango gaur egungoak bezalakoak; bestelako egiturak izango lituzkete, beste era batekoak izango lirateke. Hala ere, harrapari-harrapakinen kateak eratuko lirateke, eta sare hierarkikoak sortuko lirateke. Eta nik ez nuke baztertuko bizidun adimendunak sortzeko aukera. Izan ere, bi espezieren arten lehia parekatua badago, estrategia sofistikatuak lantzeko edo besteari aurrea hartzeko zerbait adimentsua asmatzeko gai dena gailenduko da. Hortaz, izaki adimendunak sor daitezkeela uste dut. Arg. Dollarphotoclub/Albert Ziganshin Estralurtarren eboluzioa Gizontxo berdeetatik sistema ezezagunetara Estralurtarren iruditeria askotarikoa den arren, fikzioan izaki antropomorfikoak nagusitzen dira, bereziki zineman. Alabaina, zientzialariek dakitenaren arabera, bizi estralurtarra izanez gero, adimentsua eta gure tankerakoa izateko aukerak hutsaren hurrengoak dira. Eta nolakoa izan daitekeen asmatzeko arrasto sendorik ere ez dago, ez baita bizirik topatu Lurretik kanpo. Hala ere, zientzialariek ebidentziaren bat topatzeko ahaleginean jarraitzen dute. Estralurtarrez aritzean "gizontxo berdeak" esapidea oso zabalduta dagoen arren, Sergio L. Palaciosek ez du uste hori denik irudi tipikoena. Palacios, Oviedoko Unibertsitatean Fisika aplikatuko irakaslea izateaz gain, zientzia-fikzioaren zale amorratua ere bada. Hain justu, zientzia-fikzioaz baliatzen da fisikaren dibulgazioa egiteko. Eta hark dioenez, estralurtarrak, gehienetan, larruazal grisarekin irudikatu dira. Hori bai, giza itxura dutela onartzen du: "Guk bezala, bi hanka eta bi beso izaten dituzte, eta, lepo gainean, burua. Eta burua oso handia izan ohi da gorputzarekiko; izatez, gorpuzkera eskasekoak baitira". Palaciosen esanean, itxura hori ez dator bat grabitatearen legearekin. "Balirudike grabitatea Lurrean baino ahulagoa dela estralurtarren bizilekuan, bestela, hain gorputz ahulak ezingo lioke eutsi hain buru handiari". Begiei ere erreparatu die Palaciosek: "Aurpegia ere gurearen antzekoa da; aho bat izaten dute, guk dugun leku berean, eta, gainean, bi begi. Gehienetan, almendra-itxurakoak izaten dira, oso handiak eta guztiz beltzak; beren planetan argi gutxi dutela iradokitzen dute". Palaciosen esanean, itxura hori 1947an jaio zen, Roswelleko autopsian. Urte hartan, gertaera bitxi baten berri eman zuten zenbait komunikabide estatubatuarrek: Roswell herrian espazio urrunetik zetorren ontzi bat erori zen. Barruan, izaki estralurtarrak zeuden, eta haiei egindako "autopsia" da Roswelleko autopsia izenez ezagutzen dena. Nonbait, estralurtar haiek gerora ohikoa bihurtu den itxura hori zuten: buruhandiak ziren, gorputz mehekoak eta begi handi eta almendra-itxurakoak zituzten. Itxura horrekin ageri dira, noski, 1995an erakutsi zen bideoan. Hain zuzen, autopsia haren grabaketa gisa aurkeztu zuen Ray Santilly enpresariak bideo hura. Bideoak sekulako oihartzuna izan zuen, eta hasieran batzuek egiazkotzat jo zuten arren, gaur egun ia inork ez du zalantzan jartzen iruzur hutsa zela. Hasieran, olagarro erraldoiak Irudi hori nagusitu baino lehen, ordea, estralurtarrak beste itxura batzuekin ere irudikatzen zirela ekarri du gogora Palaciosek. Adibidez, H. G. Wellsek 1898an argitaratu zuen Munduen Gerra zientzia-fikzioko eleberrian, estralurtarrak martetarrak dira, eta olagarroen itxura dute. Olagarro horiek erraldoiak dira, eta ia ezin dira mugitu, baina izpi suntsitzaileak igortzeko ahalmena dute, eta gerrako makina hilgarriak egiteko gai dira. Hain zuzen, haiek baliatuta, Lurra hartzen saiatzen dira. Zorionez, martetarrek ez dute babesik patogeno lurtarrekiko, eta infektatuta hiltzen dira. Eleberria ospetsua bada ere, are ezagunagoa da hura oinarri hartuta Orson Wellsek 1938an egin zuen irrati-nobela. Egokitzapenean, martetarrek New Jerseyen lur hartzen dute, Londresen beharrean. Bestela, eleberrian zuten itxura berbera dute. Wellsek azken orduko albiste gisa eman zuen irratiz, eta horrek izualdia eragin zuen New Jerseyen eta New Yorken, hiritarrek martetarrak Lurra inbaditzera etorri zirela sinetsi baitzuten. Estatu Batuetan, zientzia-fikzioaren eta estralurtarren istorioen urrezko urteak izan ziren haiek. 1960 hamarkadara arte luzatu zen loraldi hori, eta estralurtarrak, nobeletan eta irrati-saioetan ez ezik, telebistan eta zineman ere azaltzen ziren. Palaciosen iritziz, fikziozko lan horietako batzuen atzean, jendea beldurtzeko eta estralurtarrak komunistekin identifikatzeko asmoa zegoen: "Mezu hau zabaldu nahi zuten: gure antza duten arren, desberdinak dira. Gure etsaiak dira, gure ondasunak eta gure sistema suntsitu nahi baitituzte". Bada norbait kanpoan? Ordurako, zientzialariek sumatzen zuten, estralurtarrik izatekotan, ez zutela zertan gure antzekoak izan. Hala ere, 1970eko hamarkadan, haiekin komunikatzeko saiakerak diseinatu zituztenean, adimendutzat hartu zituzten; neurri batean, gure parekoak balira bezala. Adibidez, NASAren Pioneer 10 eta 11 zundetan plaka bana bidali zuten. Plakek Lurrari eta gure espeziari buruzko informazioa zeramaten, estralurtarren batek zundaren batekin topo egingo balu, gure berri izango luke. Bi astronomo eta dibulgatzaile ezagunek diseinatu zituzten plakak, Carl Saganek eta Frank Drakek. Eskuinean, zunda bera agertzen da, erreferentzia gisa, eta alboan gizonezko bat eta emakumezko bat, biluzik. Ezkerrean, berriz, izpi batzuk daude, puntu batetik ateratzen. Puntu hori Eguzkia da, eta marrek pulsar esanguratsuenetarako norabidea erakusten dute. Gainean, elektroi baten spin-aldaketa dago adierazita, eta azpian, eguzki-sistemaren planetak eta Pioneer zunden aurreikusitako ibilbidea. Jakina, hori guztia ulertzeko, estralurtarrek adimendunak izan beharko lukete, eta haien adimena gurearen antzekoa izan beharko luke. Xede eta ikuspuntu berberarekin, urrezko disko bana sartu zituzten Voyager 1 eta 2 zundetan. Berriro, Sagan izan zen diskoen diseinatzaile nagusia, eta Lurraren bizi- eta kultura-dibertsitatea erakusten duten soinuak eta irudiak sartu zituzten. Pioneer zundetako plakekin gertatzen zen bezala, haiek interpretatzeko gurearen pareko adimena behar zen. Uhinen bidez igorritako mezuekin ere ikuspegi berbera erakutsi zuten. Mezu ezagunena Arecivokoa da. 1974ean igorri zuten, Arecivoko behatokitik, irrati-uhinen bidez. Edukian, beste behin ere, Saganek parte hartu zuen, eta berriro Lurraren eta gure espeziari buruzko informazioa zuen. 1.679 bit zituen guztira, eta M13 kumulu globularraren norabidean igorri zuten. Geroztik, ez da haren berririk izan. Baina igorri ez ezik, seinaleak jasotzeko ahalegina ere egin da, eta horren adibide da SETI egitasmoa. Izenak berak adierazten duen moduan ( Search for Extraterretrial Intelligence ), estralurtarren adimenaren aztarnak bilatzen ditu. 1970eko hamarkadan jaio zen, eta, geroztik, jende pila batek hartu du parte egitasmoan, elkarlanean oinarrituta baitago. Alabaina, ez dute emaitzarik jaso, oraingoz. Posiblea, probablea Komunikatzeko saiakera horietan guztietan, hartzaileek, itxuraz edonolakoak izanda ere, guk igorritako seinaleak zuzen interpretatzeko gaitasuna izango zuketen. Beraz, neurri batean, haien adimena gurearen modukoa izango zelakoan zeuden igorleak. Gaur egun estralurtarren bila dabiltzanek, ordea, oso bestelako ikuspegia dute. Hori bai, ez dute ukatzen bizi estralurtarra egon daitekeela. Carlos Briones astrobiologoaren esanean, adibidez, gizakiak gizaki denetik galdetu izan dio bere buruari bakarrik ote dagoen unibertsoan. "Zientziak ez dio galdera horri erantzuterik izan, baina, behintzat, badakigu bizia har dezaketen leku pila bat daudela. Atera kontuak: 100.000 milioi galaxia daude gutxienez, eta horietako bakoitzak 100.000 milioi izar ditu. Biderketa eginez gero, izar-kopuru astronomikoa ateratzen da. Eta haietatik erdiek planetak izan ditzakete inguruan. Hortaz, aukera asko daude bizia sortzeko haietako batzuetan. Alabaina, bizidun horiek gure tankerakoak izateko probabilitatea hutsaren hurrengoa da". Brionesen iritziz, ezin da guztiz baztertu bizidun adimentsuak sortu izana, "nahiz eta hori gertatzea askoz ere zailagoa den bizia soilik sortzea baino". Baina ez adimentsua, ez soil-soila, gaur-gaurkoz ez dugu inolako bizidunen arrastorik: "Oraingoz, bakarrik gaudela esan behar dugu". Hala ere, Lurretik kanpo egon daitekeen edo noizbait izan diren biziaren arrastoen bila jarraitzen dute. Horretarako, NASAren Astrobiologia Institutuak egindako definizioa erabiltzen dute. Haren arabera, bizia sistema kimiko bat da, irauteko gaitasuna duena, eta ingurunearen elkarrekintzaren ondorioz eboluzionatzen duena. "Bizidunok ez-bizidunetatik bereizten gaituzten ezaugarriak biltzen ditu definizioak", azaldu du Brionesek. "Izan ere, bizidunok gure buruaren kopiak egiten ditugu, baina kopiak ez dira perfektuak izaten, mutazioak dituzte; hori da eboluzioaren funtsa. Gainera, metabolismo bat dugu, energia eta materia trukatzen ditugu, eta horri esker irauten dugu bizirik. Eta ingurunetik bereizten gaituen zerbait dugu, mintz bat, adibidez". Definizio hori oinarri hartuta, bizi estralurtarra bilatzeko modua aldatu egin da. Hala, gaur egun biomarkatzaileak bilatzen dituzte. Bi eratakoak izan daitezke: morfologikoak edo molekularrak. Biomarkatzaile morfologikoen bilaketa "nahiko arriskutsua" dela uste du Brionesek: "Adibidez, bada Martetik etorritako meteorito ospetsu bat, ALH84001 meteoritoa. Itxuraz, bakterioen fosilak zituen. Gero frogatu zuten ezetz, ez zirela bakterioak; horrek erakusten du zenbateraino den arriskutsua morfologian oinarritutako bilaketa. Horregatik, guk biomarkatzaile molekularrak bilatzen ditugu." Hortaz, bizia dagoela edo iraganean egon zela garbi adierazten duten molekulak topatzen saiatzen dira astrobiologoak. "Molekula horiek ez lirateke sortuko bizirik egon ezean", nabarmendu du Brionesek. Eta azaltzen jarraitu du: "Lurreko bizidunen oinarrizko molekulak dira, hori baita ezagutzen dugun bizi-mota bakarra. Egon daiteke beste era bateko bizia? Jakina; ez dago legerik agintzen duenik bizia DNAn edo proteinetan oinarrituta egon behar duela. Beraz, hor badago ikerketa-arlo oso interesgarri bat, saiatzen dena galdera honi erantzuten: zer kimikak eman lezake bizia? ". Uraren bila Bestelako bizidun-motak egon daitezkeela onartuta ere, haiek sortzeko aukera onena karbonoan oinarritutakoa dela uste du Brionesek: "Zergatik? Bada, karbonoak erraz eratzen dituelako loturak beste karbono-atomo batzuekin eta biziaren oinarri diren beste elementu batzuekin, hala nola nitrogenoa, oxigenoa... Alderdi horretatik, beste edozein elementu baino askoz ere hobea da. Esaterako, zientzia-fikzioan badaude beste elementu batzuetan oinarritutako adibideak, esaterako, silizioan. Baina silizioak ez ditu ematen karbonoak ematen dituen aukerak, bakarrik lotzen baitzaio beste silizio-atomo bati eta oxigenoari". Horrez gain, bada bizia sortzeko ia denek ezinbestekotzat jotzen duten beste osagai bat: ura. Brionesek azaldu du zergatik: "Ura disolbatzaile onena da, eta beste edozein likido baino hobea egiten duten ezaugarri pila bat ditu. Adibidez, badakigu Saturnoren Titan satelitean metano likido asko dagoela, eta metanozko ozeanoak, ibaiak eta euri-jasak daudela. Hau da, Lurreko sistema hidrologikoaren antzeko bat dago han, baina metanozkoa. Baliteke bizi ugalkorra egotea metano horretan. Ez zaigu bururatzen nola, metanoak joko gutxi ematen baitu, baina aukera guztietara irekita egon behar dugu. Hala ere, ezagutzen dugun kimikaren arabera, ura eta karbonoa dira osagai egokienak". Oinarrizko osagai horietatik proteinetara edo DNAra jauzi eginez gero, ordea, Brionesek ez du garbi ezinbestekoak direnik: "Nire ustez, baliteke uretik eta karbonotik abiatuta beste makromolekula batzuk eratzea, eta haiek izatea bizi estralurtarraren zutabeak". Horrenbestez, zientzialariek ura eta karbonoa bilatzen dituzte, bizi estralurtarraren zantzuak eman ditzaketelakoan. Hain zuzen ere, Follow the water (Jarraitu urari) izena zuen bizi estralurtarra bilatzeko NASAren egitasmoak. Dena den, Brionesek ohartarazi du ura, bizirako baldintza den arren, ez dela nahikoa. "Esaterako, Marten badakigu ur asko dagoela, eta, oraingoz, ez dakigu bizirik ote dagoen". Bizi estralurtarraren bilaketa baldintzatzen duen beste faktore bat distantzia da. "Exoplaneta mordoa ari dira topatzen, eta haietako batzuk bizia hartzeko hautagai onak dirudite. Alabaina, oraingoz ez dugu haietan bizia modu sistematikoan bilatzeko modurik", dio Brionesek. Beraz, hurbileko planetetan eta haien ilargietan bilatzen dute nagusiki, baina beti ere kontuan izanda "eukariotoak, tartean landareak, animaliak eta gu geu, eboluzioaren istripu bat garela". Alegia, bizi estralurtarra egotekotan, "askoz aukera gehiago dago bakterioen antzekoa izatea beste edozerena izatekoa baino, eta, noski, gure modukoa izateko aukera hutsala da". Joan ala etorri? Bestalde, bilaketa horretan dagoen arrisku bat aipatu du Brionesek: "Beste planetetara bidaltzen diren ibilgailuak eta tresnak ahalik eta ondoen esterilizatzen saiatu arren, beti dago esporaren bat geratzeko arriskua. Espora horrek bidaia jasaten badu, eta bere bizileku berrian garatzeko aukera badu, gerta liteke gerora leku hartan bizia topatzea, baina bizidun hori ez izatea jatorriz leku hartakoa, baizik eta Lurrekoa". Hori saihesteko, beharrezkoa iruditzen zaio Brionesi esterilizatzeko neurri zorrotzak hartzea. "Helburu hori du espazioaren babeserako araudiak ( Planetary protection ). Baina ezin dugu ahaztu erabateko esterilizazioa ezinezkoa dela; agian Lurretik eramandako bakterioen kolonia sortzen ari gara Marten, eta ez gara horren jakitun". Opportunityren kamerak bere buruari eta Marteko azalari ateratako argazkia. Arg. NASA/JPL-Caltech/Cornell/Domeinu publikoa Aurkakoa ere gerta zitekeen, alegia, bizia Lurretik kanpo sortu izana, eta handik etortzea Lurrera, meteorito batean, adibidez. Hipotesi horren aldeko zantzuak ikertzen ari dira zientzialariak. Eta, bitartean, ikerketa horiek fikzioan eragiten ari dira, "batez ere literaturan", nabarmendu du Palaciosek. "Hain zuzen ere, zientzia-fikzioa idazten duten egile zorrotzenak zientzialariak dira. Horregatik, liburu askotan, abiapuntuak eta argumentuak oinarri zientifikoa izaten dute, egiantzekotasun handia. Filmetan, ordea, iraganeko irudiak dirau. Mukiak, odola eta efektu bereziak gehitu dituzte, baina, funtsean, duela 50 urteko film berak dira". Nonbait, estralurtarren irudi tipikoak gehiago eboluzionatu du literaturan zineman baino, baina inon aldatu bada, zientzian bertan izan da. Estralurtarren asmoak igarri nahian Fikzioan, estralurtarrekin harremana izatea gehienetan kaltegarria da lurtarrentzat. Egiatan, estralurtarrekin harremana izanez gero, harreman hori onuragarria ala kaltegarria izango ote den aztertu zuten, sakon, NASAko eta Pennsylvaniako Unibertsitateko ikertzaileek, eta 2011n kaleratu zituzten azterketa eta ondorioak, Would contact with extraterrestrials benefit or harm humanity? A scenario analysis izeneko txostenean. Txostenean, ikertzaileak aukera guztiak aintzat hartzen saiatu dira. Estralurtarrak gu baino indartsuagoak direla eta ahalmen suntsitzaile handia dutela da haien abiapuntua. Haien esanean, "gu baino aurreratuagoak direla uste izateko arrazoia da gizateria eta giza teknologia nahiko berriak direla Lurraren historian". Irudipena dute, oso litekeena dela estralurtarrak gu baino lehenago sortuak izatea eta gurea baino teknologia aurreratuagoa garatu izana. Horrekin batera, ez dute baztertzen askotariko estralurtarrak egotea; horrek are aukera gehiago kontuan hartzera behartu ditu ikertzaileak. Azkenean, hiru aukera nagusitan bildu dituzte guztiak: onuragarria, neutrala eta kaltegarria. Banan bana aztertu ondoren, zenbait gomendio eman dituzte. Gehien bat, zuhurrak izateko aholkatzen dute. Adibidez, lehen gomendioan eskatzen dute kontuz ibiltzeko bidaltzen ditugun mezuekin. Arriskutsua deritzote DNAren egitura jakinaraztea, gure aurka erabil dezaketelako. Haien ustez, hasieran behintzat ("nolakoak diren hobeto jakin arte"), hobe da komunikazioa kontzeptu matematikoetara mugatzea. Bigarren gomendioa da azkar hedatzen ari den zibilizazioaren itxura ematea saihestea. Izan ere, haiek horrela ikusten bagaituzte, litekeena da gure aurkako neurriak hartzea, ez gaitezen arriskutsuak bihurtu galaxiaren beste ekosistemetarako. Azkenik, estralurtarrekin harremana izateko aukera kontuan hartzea aholkatzen dute, "noizbait harremanik badugu, prest egon gaitezen".
booktegi.eus IBAN LAKA hogei poematxo + oihu ozen bat HITZAURREA Zaila da zure lehen liburuaren hitzaurrea egitea. Gauza asko pasatzen zaizkizu burutik abaila bizian. Gehiegi, agian. Baina hasteko, esker ona. Eskerrik asko familiari eta lagunei, nire ondoan momentu txar eta onetan egoteagatik, eta irakurtzeko nahiz idazteko maitasunari hauspoa emateagatik. Mila esker, bihotz-bihotzez. Bigarrenik, eskerrik asko Booktegiri eta Aritzi, liburua argitaratzeko aukera emateagatik eta egiten ari diren lanagatik. Txalotzekoak dira beti kultura eta literatura sustatzeko egiten diren ekimenak. Bejondeizuela! Hirugarrenik, eta literaturan zentzu hertsian murgilduz, hainbat autore ditut nire gau-mahaian ameskide. Nolanahi ere, denen artean nagusi, hiru mosketari fidel: Mario Benedetti, Eduardo Galeano eta Pablo Neruda. Hirurek literaturaz gozatzea zer den erakutsi zidaten. Bere lerroak ukendu izan ziren, eskolako zauri literarioak sendatzeko. Hilik, baina beraien ondarea bizirik. Hau bai benetako boom latinoamerikarra! Eta, azkenik, nire liburuaren gaineko bi hitz. Izenburuak dioen moduan hogei poematxo eta oihu luze batez osaturiko liburutxoa da. Bertan nire kezka eta gogoetak agertzen dira. Konplexurik gabeko eta konplexutasun berezirik gabeko genero bezala ulertzen dut poesia, jolas eder xume. Ongi etorri D'Artagnan poesiarekin jolastera! BIOGRAFIA Iban Laka Zelaia naiz. Jaiotzez gernikarra, bihotzez bilbotarra. Zuzenbidea ikasi nuen Deustuko Unibertsitatean. Ikasketen azken urtean euskara irakasteko aukera eskaini zidaten, eta, handik aurrera, itzulpenarekin batera, irakaskuntza izan dut lanbide. Hainbat zaletasun ditut, esate baterako, irakurketa, zinema, kirola, paseatzea, natura… Amets bat aipatzekotan, nire familiarekin itsasoaren ondoan erretiratzea. URREZKO TXIMELETA Intxaur-oskol nagusi adaburutik erori lurrean erdibi bi hego ihesi. ESPAZIO-BIDAIARIAK Gau oskarbi izarlili loti ilargia mirari ametsetan bidaiari. NEGUKO PAGO Zur ezko goroldio soineko garo beso urrezuri iduneko. BARRA-BARRA Agenda-marrak ziega-barrak baldintzapeko soldata presozain ustel. BASAMORTUKO BALADA Zure azala harea pentagrama nire ermami nota nomada. BASOKO ERROMERIA Baso sarri hozkirri trikiti bidaso koplari zarrazoi dantzari. EUSKARAREN UHARTEA Mapatik at senperrenak hatsean harat-honat bizigaiak eskas berant jitoan norat. KIROLOGIA Kirola erlijio garaikide gimnasioa erromes santutegi monitorea jainko salbatzaile bazkideak arima bekatari. HITZARMENEZKO EZTEIA Hizkuntza printze literatura neskame Curriculuma abade eztei dohakabe. LEHEN MUSUA Lehen musu udako ekaitz barneko orkestran perkusio hots. BIDEGORRIAK Istripu gehiegi txirrindularia gurpil heroi gidarien arduragabekeria zauri bidegabeko odol-isuri. ERRETIRO ATARIAN Heriotza segan harrapari errusiar erruleta lazgarri karrankak hiltamuko kanpai ametsak bat-batean hautsi. ZURE IRRIBARREA Bedatse lore hosto gainalde heze kiriketan terrai herabe zure irribarre. ARGAZKI-ALBUMA Argazki-albuma istorio ehiztari bizipen aitortza oldozpen margolan. BIZKARROI IBILTARIAK Herrialdez herrialde baliabideak sarraski xurgatu asebete berriketa gutxi. ETXE SORGINDUAK Komunikabideak xira gizartearen arrakaletan gora familiak lorezain onbera ureztatu nahierara. ZIRRI-MIRRI Zirimiri ezti belar busti zure fereka nire aterki. ORBEL-OHANTZE Gaua tunt lantzurda goi behe elai hozbera logale gure esku-barne ohantze. GOIZTIRIKO LAZTAN Goiztiriko laztan elur-luma leun gorputz biluzian pausa emeki ur. ZU ETA NI Zu eta ni Erromako zubi zure eguzki-printzak nire euri-tantak eta alderantziz. SHOAH URDINA Ilunpetan mamu ihesle marea behe erre kresur karan eme ontziratzeko aparteko abagune. Txalupa astuna tente ur apar okre makur parez pare artega noiz abiatzeke. Ilbetea iparrorratz jagole uhin herio-dantza iragarle helmuga aldarte limurtzaile joan itzulera olde. Bihotz xalo ole babes eskarmentu eskale hasiberri noraezean fite indarrak bildu gorde. Urdin ustekabez bete batzuetan abegitsu bare maiz zakar haserre mesede baino kalte. Egunetik gauera neke ur-laster egoskorren mende aitzinera metro pare gibelera beste horrenbeste. Denbora itxaropen urratzaile orratzak herdoildutako sarde erroitz ahur hankarte hotz egarri gose. Ortzi nabar ainube hodeiak berun mihise ihurtzuriak ozen ahaire bat-bateko denborale seinale. Bagak tupustean lehiakide itsaso bortitz erasotzaile egurrezko kusku xume zabuka borroka libre. Oihu harrabots luze sarrakio izu begitarte so galdu indarge ekinean lagun gogaide. Ohol zartatu solte otoi azken erregute itolarrian hartu aire huts eman amore. Ostertz argitxo mele-mele lanbroa lekuko xehe Mediterraneoa hilerri amaigabe gorpuak alderik alde.
AURKIBIDEA HITZAURREA TURRUIA KAPITAINAREN ALTXORRA MIHILUZE ZUBIA ARBASO INPERIALISTAK GALDÜAREN ANAIA BASERRI MADARIKATUA “AGUR MARIA” BATEN TRUKE APAIZA GIDARI HERRENA ETA ZEZENA BI EMAKUME KANPOSANTUAN DE LANCRE ETA GRAXIANAREN MADARIKAZIOA GARAIEZINA DA KONTRABANDISTAREN ARRANGURA KUBAKO EUSKALDUNAK Kuba, bai polita Kuba AITATXIREN ZERRIAK GOSEA MARGOGAI AMA-ALABAK MEDIKUENEAN PAPAGAI BERRITSUA PATZIKUREN TAKETA HIRU KASKAGORRIENA TABERNARI ETORKINA ZAKIL LUZEAK TATUAIAK TELEFONOZKO MEZUA SANTO DOMINGOTIK EKARRI NUEN EMAZTEA AMATXIREN HAUTSAK ARGALTZEKO BOTIKA BERRIA SENDAGILE IRUZURTIA PINTXO GOXOAK AUTO-STOPeko MOJAK BUTANO-BONBONEN ATSO LAPURRA ERDI EUSKALDUNAK HITZAURREA Adio irakurle, oraingoan ere kontu-kontari natorkizu, bizitza hau , azken finean, ipuin luzea baita. Ez dugu oso urrunera so egin behar egunero sortzen diren ipuinekin topo egiteko. Beste moduan esana, ez dago fikzio hoberik errealitatea baino, eta errealitate horretan sustraiturik dakarzkizuet bilduma hau osatzen duten hogeita bi ipuin hauek. Benetan gertatu ote diren, horrela izan ote diren… beste upelako sagardoa litzateke. Ipuin hauetako askok, euskaldunon irudimenean txertaturik, beren bidea urratu dute ahozko kontakizunetan, eta nik, nolabait moldaturik edo birsorturik, liburu honetako lerroetara ekarri ditut. Beti izan ditugu horrelakoak eta beti izanen ditugu, euskal iruditeriak bizirik dirauen bitartean. Gure aita zenak horrelako aunitz kontatzen zituen, eta bilduma honetan azaltzen diren ipuin franko haren ahozko kontakizunetan erroturikoak dira. Doakio, dagoen tokian dagoela, ene besarkadarik beroena. Gaurko gizarte honetan, baloreen aldaketa bortitza ezagutzen ari gara. Elkartasuna, auzolana, lagun-hurkoarekiko begirunea, izadiarekiko maitasuna eta euskaldunon artean oraintxe arte horren sustraituta izan diren horrelako baloreak ahanzten ari gara. Diruzalekeria da gaurko balore bakarra, jainko bakarra esango nuke nik; eta jainko krudel horren mesedetan ari gara gure ingurune guztia hondatzen, sakrifikatzen, errepidez eta eraikinez betetzen. Ama-lurra ahantzia dugu eta proiektu faraonikoak, aberatsek aberatsago izateko behar dituzten proiektu suntsitzaile handi-mandi horiek, gero eta ugariagoak dira: autobide zabalagoak, abiadura handiko trena, superportua… Garapena ez da txikizioa, garapena ez da izadiaren suntsipena, garapena ez da izan behar aberatsen sakelak gehiago gizentzeko bide, denon onurakoa baizik. Ama-lurra ez da beti isilik egongo. Goiz ala berant iritsiko da gizakiaz aspertuko den eguna eta orduan denok larrutik ordainduko ditugu diruzale horiek egindako balentriak. Horri begira eginda daukat bilduma honetako lehen ipuina, eta hortik atera da liburuari ezarri diodan izenburua, ez baitago gizon-emakumeontzat kanturik ederragorik ama-lurrak egunero haizearen, euriaren eta horrelako azalpen miresgarrien bidez oparitzen diguna baino. Bildumako ipuin guztiek badituzte oinarrizko ezaugarri berberak, denak Euskal Herrian gertatuak dira, eta irria, historia eta misterioa ditugu gehien errepikatzen diren hiru osagaiak. Liburu hau itxaropenezko eta askatasunezko kantua izatea nahi nuke. Narrazioak gustukoak izanen dituzulakoan, uzten zaitut, irakurle, aldez aurretik liburu hau esku artean hartzeagatik merezi duzun nire eskerrik beroena luzatzen dizudalarik. Ez adiorik! TURRUIA KAPITAINAREN ALTXORRA 2009ko urtarrilaren bigarren astean Jaizkibelgo labarretan egin nahi duten superportuaren aurkako martxa bat antolatu zuten Lezoko gazte batzuek. Ostiralean, arratsaldeko hiruretan, Goiko Plazatik atera eta Jaizkibel zeharkatu ondoren Hondarribira iristekoak ziren igande arratsaldean. Ostirala iritsi eta Goiko Plazan hamazazpi hemezortzi urte inguruko bost neska-mutil elkartu ziren. Ez ziren asko, baina bai aski kontzientziatuak. Lezoarrak ziren eta txikitandik herri gainean ikusia zuten mendi luze-zabala maite zuten. Superportuaren proiektu suntsitzailearen aurka zeuden eta martxa horrekin Jaizkibel mendiko izadiaz eta txoko zoragarriez gozatuz arnasa eta indar berriak hartzeko asmoa zuten. Hirurak eta laurdenean herritik abiatu, Atzekoatetik atereaz, Jaizkibeleranzko bide-txigorretatik barna bideratu ziren. Bostak aldera, zirimiri moduko euri fin batek gazteak hartu zituen. Hauek xirak motxiletatik atera, jantzi, eta aurrera jarraitu zuten. Seiak aldera, itsasotik lanbro itxi trinko iluna sartu zen eta nahiz eta Ioritz gida gazteak hango bidexkak primeran ezagutu, gazte taldeak nekez bereizten zituen jarraitu beharreko bideak. Ordubete beranduago, sekulako ekaitzak Jaizkibelgo bazterrak astindu zituen. Euria barra-barra, trumoiek burrunba handiz jotzen zuten eta tximistek, lipar batez, behe-lainoen arteko xendra ikusezinak argitzen zituzten. Hala eta guztiz ere, gazteek adore handiz jarraitzen zioten buruan zihoan Ioritzek linternaz seinalaturiko bideari. - Ioritz, ondo al goaz? – galde egin zion Maddalen izeneko neska ilehoriak. - Bai, bai, ondo goaz. Hau dun bidea. – erantzun zion Ioritzek, pausoari eutsiz– Turruia aldean gaitun. - Ez al dago babestokirik? – Asier izeneko mutilak. - Bai, harkaitzetan dauden zuloak! – Ioritzek, laino artean urruntasunean, tarteka, ikusten ziren harkaitzak linternaz seinalatuz. - Ai ama! Urruti samar daude, eta jadanik hezurretaraino bustita gaude! – Elorri izeneko bigarren neskak. - Arrazoi dun Elorri! – Maddalenek– Guk su eder bat beharko geniken gure arropak lehortzeko. - Eta salda bero bat gure barrenak berotzeko! – Aratz izeneko mutilak. - Bai horixe, eta baita botila bat patxaran ere! – Ioritzek, erdi barrez. - Hori nik ekarri diat! – Asierrek– Motxilan zeramaat! - Aupa Asier, hori duk mutila, hori! – Aratzek, pozaren pozez. Halako batean, Maddalenek bere lagunen algarak moztuz, eskuin aldean, basotxo baten gerizpean laino artean ikus zitekeen eraikina eskuaz seinalatu eta… - Zer da hori? – bota zuen. - Borda bat dirudi! – Ioritzek– Egia esan behar badizuet ez nuen ezagutzen. - Berdin duk motel! – Aratzek– Primeran etorriko zaiguk! Ioritzek, bidexka utziz eta linternaren argiaz baliatuz, borda aldera jo zuen. Gainerakoak atzetik zihoazkion. Tximista baten argitasun bortitzak eraikina ongi ikusteko aukera eman zien. Artzain borda zen eta egoera onean zegoela zirudien. Barruan su baten argitasuna nabaritzen zen, norbaiten presentziaren seinale. Gehiegi pentsatu gabe, Ioritzek atea bultzatu eta bertara sartu ziren bost lagunak. - Gabon! Inor al da hemen? – galdetu zuen Ioritzek. - Bai, gabon lagunak! – erantzun zion bordako txoko batetik gizonezko ahots batek– Baina, sartu, sartu hona beldurrik gabe! – gaineratu zuen gero. Bost lagunek ahotsak esan bezala egin eta beheko sua zegoen tokiraino hurbildu ziren. Han, beheko suaren ondoan, baziren zurezko mahai sendo bat eta eserleku zenbait. Horietako batean eserita eta hauspo batez sua indartzen berrogei urte inguruko gizon bat zegoen. Txapela buruan zeukan eta jertse lodi ilun batez jantzirik zegoen. - Ken itzazue arropa busti horiek eta eser zaitezte hemen, suaren inguruan! – gonbidatu zituen gizonak. Bost gazteek horrela egin zuten bi aldiz pentsatu gabe. Gorputzean itsatsita zeramatzaten arropa bustiak erantzi, su ondoan lehortzen jarri, eta motxiletatik ateratako arropa idorrak jantzi zituzten. - Salda bero bat nahi? – eskaini zien gizonak. - Hara, honek pentsamendua irakurri digu! – bota zuen Aratzek, zuela bost minutu eskas edukitako solasaldia oraindik buruan zebilkiola. Atsegin handiz hartu zuten bost lagunek gizonaren eskaintza. Gero, salda beroak eman zien goxotasunak bultzaturik, hizketari ekin zioten. - Mila esker saldagatik! – Ioritzek– Nor zaitugu, lagun? - Pello Bixente artzaina naiz eta hauxe da nire borda. Ardiak ondoko gela horretan daude – azaldu zien hondoko horman zegoen atetzar bat seinalatuz– Eta gela hau nire jauregitxoa da. Gauden txoko hau sukaldea da eta eserlekuen gibeleko txoko horretan ohea daukat. Tokia bada, zuei ongi irudituz gero, gaua hemen pasa dezazuen. - Mila esker, jauna! – erantzun zioten bost gazteek batera. - Afaldu al duzue? – artzainak. - Ez jauna, baina motxilan gure janaria dakargu. Afaldu al dezakegu hemen, mahai honetan? – Asierrek. - Nola ez, bada! – artzainak. Gero pareta batean zegoen armairutxo batetik gazta handi bat atera eta mahai gainean jarri zuen– Ea zer iruditzen zaizuen? Nik egina da. Eta gehiago esan gabe, gazteek afaltzeari ekin zioten. Gazta hura mundiala zen. Sabela aski beteta zutenean afalondo goxoari ekin zioten. Asierrek motxilan zeraman patxarana atera eta Pello Bixentek eskainitako kafearen ondoren edan zuten. - Nik ez nuen borda hau ezagutzen! – bota zuen Ioritzek. - Zaharra duk mutil, nire aitonak egin zian. Etxekoak belaunaldiz belaunaldi artzain ibili gaituk eta hauxe da Turruian dugun babestokia. – artzainak. - Turruia? A zer izen bitxia! – Elorrik. - Bai, hala dun. Ez zekinat nondik datorren, baina beti izan dun Turruia. – artzainak– Aitona gureak kontatzen zigunez, borda hau bertan erorita zen etxe zahar baten hondakinak baliatuz altxatu omen zinan. - Eroritako etxe bat? – Ioritzek. - Bai, Turruia pirataren etxea izan zena. – gaineratu zuen artzainak. - Pirata baten etxea diozu? – Maddalenek. - Bai neska, entzun dunan bezala, Turruia pirataren etxea. Gure aitona zenak ederki ezagutzen zunan haren historia eta behin baino gehiagotan kontatu zigunan. – eta neska-mutilei begiratuz– Nahi al duzue kontatzea? - Bai, bai, kontatu mesedez! – Bost gazteek ia batera. Baiezko erantzuna jaso bezain pronto artzainak kontatzeari ekin zion ahots misteriotsu batez: 1552ko otsailaren 20an jaio zen hementxe, Turruian zegoen etxe zaharrean, Joanes Iturain izeneko haurra. Umetan artzain ibili bazen ere, geroxeago marinel sartu zen Lezoko portuan. 1568an, merkatari-ontzi batean zihoala, Drake kortsario ingelesak eraso egin zien. Eskifaia sarraskitu, merkantzia lapurtu eta ontzia hondoratu egin zuen. Bertako marinel gazteei, bizitzaren truke, haren ontzian marinel lanetan aritzeko aukera eman zien. Gehienek onartu egin zuten eta horrela Joanes Iturain “Turruia” gaztea Drakeren agindupeko bilakatu zen hamasei urte zituela. 1570tik 1572ra Ameriketako itsasoetan barrena ibili zen, Drakek espainiarren kolonien kontra burutu zituen erasoaldietan parte hartuz. Zenbait urte beranduago, 1577an eta 1578an, hain zuzen ere, hegoaldeko itsasoetan ibili zen Drakeren agindupean bertako itsaso-merkataritza oztopatuz eta eragotziz. Horrela ibili zen hamar urte luzetan. Halako batean, frantsesek eraso egin zioten Turruia gaztea lanean aritzen zen itsasontziari. Itsasontzi hark, Drakerena bazen ere, Walther kapitainaren agindupean nabigatzen zuen. Frantsesen abordaia ustekabean gertatu zen eta ingelesek nekez eragotzi ahal izan zuten etsaien erasoaldia. Turruiak, adore handiz, egin zuen borroka hildako pirata ingeles baten ezpataz. Ekintza hau dela eta, geroxeago Drakek soldadutzat hartu zuen Joanes gurea. Beste behin Valparaison zegoela, bera eta bere lagunak espainiarren itsasontzi batez nagusitu ziren. Ekintza honen ondorioz Drakek itsasontziko kapitain izendatu zuen. 1579an, hogeita zazpi urte zituela, Euskal Herrira itzuli zen eta Jaizkibelgo itsas sargune batean, Turruiako bere etxetik aski gertu, kai ttiki bat eraiki zuen. Handik aurrera huraxe izan zen bere ezkutaleku eta ekintza-habia. Handik pasatzen ziren itsasontzi espainiar edota frantsesei eraso egiten zien, urre gorri, zilar eta harribitxi kopuru handiak bereganatuz. Jaizkibelgo baserritar gazte aunitz berarekin aritu ziren jarduera arriskutsu horretan, eta esaten zenez, Turruia kapitainak izugarri ongi saritzen omen zituen. Ongi ordaintzeaz gain, beti prest omen zegoen eskualdeko behartsuak laguntzeko. Hori dela eta, bertako guztiek izugarri maite zuten. Turruia kapitainak ba omen zeukan altxor ikaragarri handia, hemen nonbait gordeta zuena. 1615eko uztailaren 24an, hirurogeita hiru urte zituela, azken hatsa eman zuen Turruiako bere etxean. Altxorraren berri zehatza ematen zuen planoa bazter hauetan ezkutaturik utzi omen zuen, baina, orain arte bederen, inork ez du topatu, ez planorik eta ez altxorrik. - Ene, altxor bat! – Asierrek, aditutako historiaz arrunt liluraturik. - Eta plano bat! Ez legoke bat ere gaizki hori topatzea! – Aratzek, bere harriduratik ezin atereaz. - Zer ez genuke egingo guk altxorra topatuz gero! – Maddalenek, begi biribil handiak jarriz. - Bai, horixe! – Elorrik, entzun berria zuena ezin sinistuz. - Baina Pello Bixente, kontatu diguzun hau egia ala ipuina da? - Egia! Zin dagizuet! – artzainak– Eta gainera beste gauza bat kontatu behar dizuet. Duela astebete edo, horko harkaitzetako zulo sakon batean, burdinazko kutxatila batean sarturik, planoa topatu nuen. Euskara zaharrean idatzita dagoela dirudi, baina nik irakurtzen ez dakidanez gero ezin izan dut altxorra topatu. Lagunduko al didazue? - Bai, horixe! – erantzun zioten bost gazteek. Artzainak armairu zahar batetik burdinazko kutxatila atera zuen, zabaldu eta bertan zegoen paper horitua atereaz, Asierri eman zion ozenki irakur zezan. - Tori, mutil! Esadak zer dioen! Asierrek esku dardaratiaz planoa hartu eta ozenki irakurtzeari ekin zion: Harkaitz beltzetik itsasoari begira hogeita hamar bat pauso kontatu, gero ezkerretara jo eta hareharrizko zazpigarren zulora sartu… Hori entzutean, bai artzainak eta bai gazteek xirak eta aterkiak hartu eta planoak agintzen zuen alderantz abiatu ziren ziztu bizian. Momentu hartan ekaitzak indar handiz kolpatzen zuen. Hala eta guztiz ere, hori ez zen eragozpen izan sei lagunak harkaitz beltz aldera hurbil zitezen. Eskuineko korridoretik sartu. – segitu zuen Asierrek– eta gero harrian zizelkaturiko eskaileratik behera jaitsi. Horrela egin zuten artzainak eta bost gazteek, txintik esan gabe. Gero, areto zabal batera iristean,izurde itxura duen harria zanpatu. Asierrek, irakurketari jarraituz. - Hemen dago izurde itxurako harria! – oihu egin zuen Aratzek eskuin aldean erdi ezkutaturik zegoen harria seinalatuz. Artzainak izurde itxurako harria zanpatu zuen eta ezkutuan zegoen beste korridorea zabaldu zen. Segi korridore berritik eta bost minuturen buruan altxorra dagoen aretora iritsiko zarete. – irakurri zuen Asierrek urduritasun handiz. Horrela egin zuten eta bost minutu buruan altxor aretora iritsi ziren. Han berrogeita hamar bat kutxa handi zeuden. Artzainak eta gazteek banan-banan zabaldu zituzten. Hura ustekabea! Han ez zegoen ez urre gorririk, ez perlarik eta ez harribitxirik. Kutxak lurrez beterik zeuden. Horietako batean, lur zokilen artean, gutun moduko paper horitu bat topatu zuten. Asierrek hartu zuen eta ozenki irakurtzeari ekin zion: Nire altxorra topatzen duzuen lagunei zenbait argibide eman nahi dizuet. Bizitza osoa eman nuen dirua eta aberastasunak biltzen, eta horrela altxor ikaragarri handia metatu nuen: Peruko urre gorria, Andeetako zilarra, harribitxi harrigarriak, Ozeano Bareko perla distiratsuak… Baina hemen, Turruian, izadia maitatzen ikasi nuen. Zer ederragorik hemengo itsasoa, harkaitzak, belar-soroak eta oihanak baino! Ama-lurra da gure benetako altxorra. Egun batean, dirua eta aberastasunak ez dira gauza guztien neurria izango, natura baizik. Eta egun horretan sortuko den gizarte zoriontsu horretan, gizon-emakume guztiak aske izango dira. Hori jakinda, zertarako orduan nire urre gorria, zilar distiratsua eta perla zuriak? Ama-lurraren mezua ulertu nuen une berean, ene urrea ezagutzen nituen behartsu guztien artean banatzen hasi nintzen. Hainbeste ziren! Hiltzeko zorian nengoenean, ez zen altxor kutxetan urrerik geratzen. Nire zerbitzariei kutxak lurrez betetzeko agindu nien eta mezu hau nekez idatzi. Uler iezadazue, lurra da gizakion benetako altxorra.Gorde dezagun! Turruiako Joanes Iturain kapitaina. Gutuna irakurtzean, artzaina eta gazteak, isil eta burumakur, zulo hartatik irten eta bordara itzuli ziren. Hezurretaraino mela-mela eginda zeuden. Atsegin handiz hartu zuten beheko su goxo beroa. Arropak lehortzen ari zirela, Asierrek isiltasuna urratuz honela esan zuen ozenki gainerakoek entzun ziezaioten: - Garbi dago, gaur, superportu, abiadura handiko tren eta autobide zabalen garai honetan ez gaudela Turruia kapitainak aipatzen duen gizarte zoriontsu horretan. Ama-lurra zauritzen duten proiektu suntsitzaileen garai ilunean gaude. Denok egin beharko dugu lan, gaur ez dena bihar izan dadin. Denok borrokatu beharko dugu, benetako altxorra den natura denon zerbitzura egon dadin, Ama-lur gurean aske eta zoriontsu bizi gaitezen. Inork ez zion erantzunik eman, baina beraien bihotzetan Asierrek arrazoi osoa zuela sentitu zuten. MIHILUZE ZUBIA Karlos II. erregea eta bere segizioa Iruñera hurbiltzen ari ziren. Denak zaldizkoak ziren, osora berrogeita hamar bat inguru, eta Nafarroako erregeak Normandian zituen lurraldeetatik zetozen. Bidaia luzearen ondorioak zaldizkoen aurpegi akituetan eta gainean zeramaten hauts ugarian nabari zitezkeen. Haien gibeletik gehiago zetozen bidaiarako beharrezkoak ziren hornidurak eta elikagaiak eramaten. Arga ibaia zeharkatu behar zuten erret bidetik hurbilen zen zubitik. Zaldizkoen buruan erregea eta zenbait zaldun fidel zihoazen, gero erresumako entseina gorriak zeramatzatenak eta ondoren gainerakoak. Unaturik zeuden arren, Iruñetik gertu egoteak ematen zien poza agerian zerakusten. Urruntasunean Arga ibaia eta igaro behar zuten zubia paisaian marrazturik ikus zitzaketen. 1355eko uztailaren zazpia zen, uztailak Nafarroan ematen dituen egun ezin ederrago horietakoa, eguzkia gori-gorian zegoen eta zelaiak eta larreak berde argitsu batez tindaturik agertzen ziren oraindik. Oihanek eta basoek hurbileko mendi eta muinoetako hegi eta magalak berdetasun ilun eder batez betetzen zituzten, eta erregearen segizioak egiten zuen bidea, sugetzar baten antzera, ziraldoka marrazten zen paisaia eder eta lizun hartan. Arga bera ezin ederrago agertzen zen oztopo gisa, eta oztopo hura gainditzeko zubia zeukaten handik ez urrun. Zubiaren bi muturretan dorre gotortuak ikus zitezkeen, bi honanzko aldean, zubiaren ezker-eskuin eraikita eta beste bi haranzko aldean. Zubia zaintzen zuten gerlariak ere begi-bistan azaltzen ziren. Honanzko aldean, eta dorreetako baten itzalean, zazpi zaldizko zeuden, eta bazirudien erret segizioaren zain zeudela. - Nor dira horiek? – galde egin zien erregeak ezker-eskuin zeramatzan zaldunei. - Iruñeko Herri Kontseiluko ordezkariak – erantzun zion ezker aldean zihoan zaldunak– eta beraien buru Bruno Ezpeletako aitzinean dagoena, jauna! Ongi ezagutzen dut. Iaz kalapita galanta ukan nuen berarekin, nire ezkutari batek, nahigabean, herriko merkatari zarpail horietako bat zaldiarekin zanpatu eta hil egin zuelako. Egoskor samarra da jauna. - Eta zer nahi dute? – erregeak, uzkur. - Badirudi berorren zain daudela, jauna! – eskuin aldeko zaldunak. - Nire zain? Ezin al dira erret jauregira joan, bertze guztiek egiten duten bezalaxe? – erregeak, haserre antzera. Segizioko zaldizkoak trostan hurbildu ziren zubira, eta orduan zain zeuden zazpi gizonak, zalditik jaitsi gabe, erregearengana gerturatu ziren. Haren parera iristean buru zena honela mintzatu zitzaion erregeari: - Jainko Handiak salba dezala Errege eta horrelako bidaia luzeak sorturiko nekeak apaltzeko beharrezkoa duen atsedena eman diezaiola! - Aunitz esker zuri! – erregeak– Baina, nor zaitut eta zer nahi duzu nitaz? - Bruno Ezpeletako naiz, jauna, Iruñeko Herri Kontseiluko burua, eta hauek Joanes Aizpioleako, Luis Bastidako, Jakobe Alozeko, Beltran Arbelaitzeko, Joseph Asturiagako eta Pierrot Uztaritzeko kontseilariak dira. Berorrengana etorri gara iruindarren kexa zuzen-zuzenean berorri azaltzera, zeren eta herritarrei berorren izenean ezarri zaizkien zergak arrunt handiak baitira, eta iruindarrak nekez bizi dira zerga horiek ordaintzera ezin iritsiz. - Zergak neronek horrela ezarriak dira, erresumaren onerako! – moztu zion erregeak– Nola ausartzen zarete, horrela, nire aitzinera eta bidean, etortzen? – ahotsa gogortuz. - Baina jauna, iruindarrek ezin dituzte ordaindu. Zerga horiek handiegiak dira. – Bruno Ezpeletakok, bat ere beldurtu gabe. - Ezin dutela ordaindu? – erregeak, bere baitatik irtenda– Lan gehiago egin dezatela, alproja alaenak! Horixe da eskatzen diedana. - Zerga horiek handiegiak dira, jauna! – Luis Bastidakok, Iruñeko Herri Kontseiluko buruaren hitzak baieztatu nahian. - Bai jauna, handiegiak dira, eta herritarrek ezin dituzte ordaindu! – gainerako herri kontseilariek batera. - Ez da bidezkoa horrelako zergak ordaindu behar izatea! – Jakobe Alozekok, bero-bero. - Herritarrak gara, ez jopuak, jauna! – Joseph Asturiagakok. - Iruñeko herritarrok ez ditugu Normandian dituzuen gerra gastuak ordaintzen ahal! – Pierrot Uztaritzekok. - Nola? Zer erraten duzue? – erregeak, arras koleraturik– Zuek mihia hagitz luzea duzue! Horixe iruditzen zait niri. – eta bere segizioko gizonei aginduz– Atxilo itzazue lotsagabe hauek eta zintzilikatu, inolako gupidarik gabe, zubiko lau dorreetatik, iruindarrek ongitxo ikus dezaten erregeren aginduei muzin egiteak dakarrena! Segizioko gizonek Erregek agindu bezala egin zuten. Zazpi herri kontseilariak lau dorreetatik zintzilikatu zituzten. Hurrengo egunetan iruindarrek, arrunt ikaraturik, ikusi ahal izan zituzten beraien ordezkarien gorpuak zubiko dorreetatik zintzilik, urkaturik. Erregek erran bezala, mihi luzea zuten denek ahotik dilindan . Orduz geroztik, Mihiluze da iruindarrek zubiari eman zioten izena. Gaur ere horrela deitzen diote. Eta Karlos II. erregea Gaiztoa ezizenaz pasatu da gure historiara. ARBASO INPERIALISTAK Otsailaren 19 eta 20aren arteko gaua da, San Sebastian bezpera, donostiarren egun handia. Jendea nonahi, kaleak pil-pilean… Gau miresgarria, gau magikoa, danbor hotsez betetako gaua. Iriyarena, Polka, Tatiago, Martxa… eta Raimundo Sarriegik egindako beste soinuek Donostia osoa betetzen dute. Alde Zaharra jendez lepo zegoen. Kaleak, plazak, tabernak… denak jendez gainezka. Sebastian bat bada zeruan Donosti bat bakarra munduan, hura da santua, ta hau da herria, horra zer dan gure Donostia! Jendea kantuan ari da, dantzan… danborrak indarrez jotzen,… sukaldari kapeluak nonahi. Martxak jarraitzen du: Irutxuloko, Gaztelupeko Joxemari zahar eta gazte joxemari zahar eta gazte, kalerik kale, danborra joaz, umore ona zabaltzen hor dijoaz joxemari! Ez dago inor geldirik, denak dantzan… bideetan, espaloietan, tabernetan… danbor hotsek bizi-bizi martxari segitzen diote. Bagera, gu ere bai, gu beti pozez, beti alai! Martxa amaitzean, oihuak, kantuak, kaleko burrunba garbiago entzuten dira. Iñaki eta Pello astigarratar gazteak festara etorri dira, urtero bezala. Union Artesana elkarteko Txomin lagunak bertara gonbidatu ditu xanpain kopa bat elkarrekin edatera. Elkarteko atean zaindari gisa dagoen gizonari Txomin Urbieta lagunaren izenaz galdetu eta berehala sartzen utzi die. Barrura! Hura jende zirimola! Hura giroa han barruan! Elkarte osoa jendez gainezka zegoen. Mahaietan eserita afaldu berriak –adin guztietakoak- eta gela handi haren erdialdean animosoenak dantzan. Txominek bi gazteak bere mahaira eraman ditu. Hantxe dira hamaika bat lagun sukaldariz jantzita, gizonezko zein emakumezko, gazte zein zahar, denak kantuz eta danborrak astinduz. Donostiar itxurakoen artean badira kanpoko itxura duten hiru mutil. Den-denak muturra berotuta badaude ere, azken hiru horiek dira, zalantzarik gabe, okerren daudenak. Txominek mahaikideak aurkeztu dizkie: - Txomin: Hau da Pantxo, nire anaia, eta hori Koruko bere neskalaguna. Hauek nire koadrilako neska-mutilak. Mahai bazterreko horiek nire lehengusu-lehengusinak eta hiru alproja hauek – kanpoko itxura duten hiru mutilak seinalatuz– joan den udan Argentinara egin nuen bidaian ezagutu nituen lagunak. Europan zehar ari dira bidaiatzen, Parisen izan dira eta orain Bartzelonara joatekoak dira. San Sebastian eguna zela eta, ni bisitatzera eta Donostiako jaia bertatik ezagutzera etorriak dira. Oso jatorrak dira. Hori bai, ez dakite hitz bat ere euskaraz. Itxoin pixka bat, aurkeztuko zaituztet eta! Eta kanpotarrengana hurbilduz, aurkezpen egiteari ekin zion: - Txomin: Estos son mis amigos de Argentina, Pedro Alejandro, Carlos Alberto y Pablo Ernesto. (Hauek dira Argentinako nire lagunak: Pedro Alejandro, Carlos Alberto eta Pablo Ernesto) Horien izenak! – pentsatu zuten gure bi lagunek. - Y estos son Iñaki y Pello. (Eta hauek Iñaki eta Pello dira) – jarraitu zuen Txominek, poz-pozik, bi lagunak seinalatuz. - ¿Tienen nombres tan horribles como el tuyo! Seguro que estos pibes son también vascos. (Zurea bezalako izen itsusiak dituzte! Ziur beraiek ere euskaldunak direla!) – bota zuen Pedro Alejandro izenekoak, irribarre mozkorti bat erakutsiz. - Ederra bota du honek! – Iñakik, haserre antzera. - Ez egin kasurik! – Txominek, bakea egin nahian, argentinarrak dituk. - Bada, ez ditek indio itxurarik! – Iñakik. - Ez motel, Argentinan ez zegok indiorik, denak garbitu zitiztean. Hauek dituk hara joandako europarren ondorengoak. – Txominek. - ¿Que dicen estos polluelos? (Zer diote txita hauek?) – Carlos Albertok, euskaraz esaten ari zirena ezin ulertuz eta arras minduta. - Dicen que están encantados de conoceros. (Zuek ezagutu izanaz pozik daudela diote) – Txominek, bake itxura eman nahian. - Pues no pongais esas caras de marsopas y bebamos algo que tenemos el gaznate seco. (Bada, ez jarri martsopa aurpegi hori, eta edan dezagun zerbait, eztarria lehor samarra dugu eta) – Pablo Ernestok. - Zer esan du eregel horrek? – Iñakik, sutan. - Ez zioat ondo ulertu, baina ezer onik ez. Eztarria lehorra omen dik, baina gurekin sartzen jarraitzekotan, sudurra polito utziko zioat. Hala Jainkoa! – Pellok, bere amorrua ezin kontuz. - Ixo, ixo! – Txominek– Agindutako botila xanpaina ekarriko dut gure osasunaren alde topa egin dezagun. Eta argentinarrei begira: Me voy a por otra botella de champán. (Beste botila bat xanpaina ekarriko dut) - Como vois querais, pero que sea francés de la France. (Zuk nahi duzun bezala, baina France-ko xanpaina izan dadin)– Pedro Alejandrok– Mientras traeis esa botella nosotros praticaremos con estos pazguatos (Botila dakarzun bitartean gu txotxolo hauekin mintzatuko gara) - Ekar ezak azkar botila hori, hi! Bestela oraintxe piztuko diagu hirugarren gerra mundiala. – Pellok, datorkienaren beldur. - No papurreis en apache, que no os entendemos nada, cara de pinguino de la Patagonia. (Ez ezazu apatxez hitz egin, ez baitizugu deus ulertzen. Patagoniako pinguino aurpegi halakoa!) – Pablo Ernestok, gaizto. - ¡Tu si que tienes cara de pinguino, baboso! (Hik bai daukaala pinguino aurpegia, babo halakoa!) – Iñakik, bere haserrea ezin ezkutatuz. - Hori, hori, pinguino zikina, gainera! – Pellok. - No nos falteis, que somos argentinos, y no como vosotros, que no sois más que descendientes de los imperialistas y colonizadores que saquearon América. (Ez iraindu. Gu argentinarrak gara eta zuek, berriz, Amerika ustiatu zuten inperialista eta kolonizatzaileen ondorengoak) – Carlos Albertok, eskuak ikaragarri mugituz. - ¿Imperialistas nuestros antepasados? (Gure arbasoak inperialistak?) – Iñakik, ahotsa ozen altxatuz– Entzun behar duguna! ¡Eso serían los vuestros que se fueron a America, por que los nuestros aquí se quedaron goxo-goxo en sus caseríos!. (Hori Ameriketara joan ziren zuen arbasoak izango ziren, gureak hemen goxo-goxo beraien baserrietan gelditu baitziren!) GALDÜAREN ANAIA Betidanik izan naiz maskaradazale, eta hori dela eta, urtero hurbiltzen naiz Zuberoara maskaradaren lehen saioa ikustera. Aurtengoa (2009 urtekoa, alegia), urtarrilaren 11n izan da, Barkoxen, bera baita aurtengo maskaradak jokatzen dituen herria, eta horrela izaki, eta usadioak agintzen duenari jarraiki, lehen eta azken saioak maskaradak jokatzen dituen herrian egiten dira. Hotza, elurra eta izotza ziren nagusi euskal geografia osoan, hala eta guztiz ere, lagunak, urtero bezala, etxera bila etorri zitzaizkidan eta haiekin batera Zuberoa alderantz abiatu nintzen. Bederatzietarako Barkoxeko plazan ginen eta arizaleak bertan zeuden, lehen barrikadaren aurrean, irteteko prest. Gu beraiengana hurbildu ginen. Maskaradako arizaleek dantza erritualari ekin zioten. Hura amaitzerakoan, lehen barrikada hura zabaldu zuten. Mahaian baziren bizkotxak eta matahameak , baita kafe bero-beroa ere. Atsegin handiz jan eta edan genuen. Gorputzak biziki eskertu zigun, ordurako hotzak arras hebaindurik baitzuen. Berehalaxe, lehen kantuek aire hormatua goxatu zuten. Eta horrela ibili ginen goiz osoan, barrikadaz barrikada, dantzaz dantza eta kantuz kantu. Bigarren barrikadarekin batera jatekoez eta kafeaz gain era guztietako pattarrak eskaini zizkiguten. Jendeak gogotik edan zituen. Hamabiak aldera, azken barrikada zabaldu zuten Barkoxeko arrabotüan . Ordurako jende mordoa zen herriko bazterretan. Herriko dantzari zenbaitek, dantza erritualari ekinez, ongi etorria egin zioten maskarada osatzen zuen segizioari. Gero, jendea sakabanatu zen. Asko eta asko arizaleen etxeetara joan ziren bazkaltzera gonbidatu gisa. Jende andana herriko ostatuetara sartu zen bertan bazkaltzeko asmotan. Guk plaza ondoko hilerrian dagoen Etxahun koblakariaren hilobia bisitatu genuen eta ondoren, bazkaria erreserbatuta geneukan ostatura sartu ginen. Barruan dena prest zeukaten. Bi mahai luzek ostatuko luze-zabal guztia hartzen zuten. Ordurako, bazen jende aunitz bertan jarrita. Gu ere eseri ginen. Ezker aldean, nire aldamenean eserita, aspaldidanik ezagutzen dudan Filipe Karrikaordoki larraintarra zegoen eta aurrez aurre, beste bi lagun larraintar nituen. - Egün hon Joseba, ontsa hiza? – esan zidan eskua luzatzen zidalarik. - Ontsa Filipe, eta hi? Ontsa bizi hiza? Beti bezala ikusten haüt, beti gazte, hain xüxen. – erantzun nion egindako agurra eskertuz. Egia! Filipe beti bezala zegoen. 78 urte zituen arren betiko sasoian segitzen zuen. Lanbidez artzaina izan da beti, eta jadanik, horrela ez bazebilen ere, bere gorputzak eta bere buruak gazte eta bizkor zirauten. Bera zen beti kantuz hasten zen lehena, eta dantzan ere bazekien fin eta trebe aritzen. Aurrean eserita zeuden lagunak, gutxi-gorabehera adin berekoak ziren. Denak artzain izandakoak, denak larraintarrak, ume-umeetatik lagunak eta betidanik elkarrekin ibilitakoak. Berehalaxe ostalertsak zerbitzatzen hasi zitzaizkigun. Bazkaltiarren solas biziek ostatuko giro astuna biziagotu zuten. Nire aurrekoak hizketan ari ziren, gainerako guztiek bezalaxe. Eta orduantxe, entzun nion horietako bati, eta Filiperi aipua eginez, ohiko galdüaren anaia ezizena. Nik izengoiti hura sobera ezagutzen nuen, eta banekien ezizen horrekin Filipetaz ari zirela. Hori bai, izengoitiaren nondik norakoak arras ezezagunak ziren niretzat. Eta horrela, ardo onak ematen duen ausardiaz, galde egin nion Filipe adiskideari: - Parka Filipe, zentako erraiten deiae hiri galdüaren anaia? Ustekabean, Filiperen aurpegia ilundu zen eta deus erantzun gabe bazkaltzen jarraitu zuen. Segituan ulertu nuen galdera hura ez zuela gogoko; isildu nintzen, beraz, eta koilara zopan sartuta, bazkaltzen jarraitu nuen. Hura hanka sartze ederra nirea! Alajainkoa! Handik hamar bat minututara edo, Filipek isiltasuna urratu eta barkamena eskatu zidan: - Parka, Joseba, üstegabean hartü naük, eta zer erran ez nakiala baratü nük. Izengaintiko horren bidea lüzea dük, potiko nintzanekoa. Ez diat maite, oritzapen txarra ekarten beiteit. Bena horrekila bizi behar diat. Ez diat ahazten ahal. - Parka Filipe, ez nakian ez zela hire gogoko. – esan nion nik, biziki asaldaturik. - Ez inkieta Joseba, ez dük hire ogena. – Filipek, amultsu guztiz. Eta deus gehiago esan gabe historia kontatzeari ekin zion: - Hik badakik Larraineko Estekahandi etxaltekoa nizala. Gure etxaltea bortüetan dük, herritik izigarri hürrün. Hor sortü eta bizi izan nük orai artino eta hor hil nahi diat. Etxean sei aurride gintian eta nik banian anaia birakin bat, Johañe izen-ttipikoa. Hameka ürte günütüalarik, etxaltean alkarretaratü gintian etxeko güziak eta kantüan den Ürriztoia etxalteko aüzoak Natibitate gaüaren mahainaren üngürüan iragaiteko. Herriko Jaun Erretora ere gureki zian aihari hartan. Gaü ederra zian eta denak oro ari gintian elestan eta kantüz. Xiberoko kantore ederrak ebilten zitian airean, behin eta berritan. Kanpoan elürra, karrua eta hotz handia zitian. Aiharitan ari ginen kanberan süia piztürik ginian. Halako batez, etxe barnean zen egürra ahitü zian eta kanporat txerka joaiteko beharra sortü. Amak, hori ikusirik, aitari txerka joaiteko erraitea pentsatü zian, bena Jaun Erretorareki elesta gaitzean zela ikusirik, ene anaia Johañeri egür txerka joaiteko galtatü zioan. Bizitze güzian izanen zian damü, gaü hartan hartü deliberoagatik. Kanpoan, gorderik, norbait haidürü zian. Johañe, negüko arropaz beztitürik, borta zabaltü eta egür txerka elki zian. Bost edo sei minuta iragan ondoan, Johaineren heiagora izigarriak entzün ginitian lagüngoa galtoz. Aiiiiiiiiiiiii! Hartü naüe! Lagüntü! Denak oro isiltü eta txütitü gintian. Aitak, otsoak zirelakoan, eskopeta hartü, kargatü eta kanporat elki zian. Besteak oro gibeletik. Artean, Johañe anaiak heiagoraz jarraikitzen zian. Elürrean markatürik, anaiaren ürratsak ikusi ginitian. Her herexatü gintian, bena tüpüstüan galtzen zitian, norbaitek edo zerbaitek airetik heltü eta eraman egin izan balü bezala. Halako batez, anaiaren heiagora lazgarria entzün ginian gure bürüen gainean: Lagünt! Eramaiten naüe! Ororek goiti so egin ginian, bena gaüko ülüntarzünetan ez ginian deüs ikusten ahal. Anaiaren lagüntze galto heiagorak gero eta hürrünago, gero eta gorago, entzüten gintian. Azkenik, isiltarzüna eta Johañe ments. Gaü hura anaiaren txerkatzen xahatü ginian, bena debaldetan. Nihoiz ez ginian haboro jakin anaia gaixoaz berririk. Zonbaitek erraiten zieian Orhi mendian ikusi hegazti handi bitxiek eramanen züela. Ez dakiat zer agitü zen gaü hartan eta nork eraman züan anaia. Zorigaitzez, ordütik aitzina ez ginian anaiaren berririk üken. Ondoko ürteetan ama ertzotürik ebili zian eta gazterik hil. Guretako, Natibitate Gaüa beti izan dük gaü tristea, eta gaü hartan agitü zenak bihotza erdiratü dikük familiako güzier. Herrikoek galdüaren anaia deitzen ditadee. Ez ditadee hola erraiten eni minaren egiteko, bena hik entelegatüko dükan bezala, ez diat izengaintiko hori batere maite. Ni, Filiperen aitormena entzutean, ahoa bete hortz geratu nintzen. Ezin nuen entzuten ari nintzena sinistu. Baina Filipe sobera gizon seriosa zenez, banekien kontatzen ari zitzaidana egia zela, egia lazgarria. Ez nekien zer esan eta nire ausardia nola desenkusatu. - Parka Filipe, parka! – . Ez nekien zer gehiago esan. Orduz geroztik, aunitzetan izan dut Filiperen kontakizuna gogoan. Bizitzan badira hitsak eta ulergaitzak egiten zaizkigun pasarteak eta hau horietako bat delakoan nago. BASERRI MADARIKATUA Aunitzen ustez, Errekalde baserria madarikatuta zegoen. Beti bazuen zerbait. Bertakoek era guztietako gaitzak pasatuak zituzten. Behin, tximista batek teilatua jo zuen baserri osoa kiskaliz. Herritarrek auzolanean konpondu zieten. Aziendarekin ere beti gaizki zebiltzan. Behiak ez zirenean, ardiak ziren eri zeudenak. Erbinudeak bereak eta bost egiten omen zituen oilo eta lapinen artean. Eta horrela omen zen belaunaldiz belaunaldi. Orain ere horrela zebiltzan, komeria gora eta komeria behera. Kazkabarra bortitz batek baratze osoa hondatua zien, oilo eta lapin gehienak erbinudeak eta halako piztiek akabaturik zituzten, ardi guztiak eri mihi urdineko gaitzaz, eta okerrena, behiak ere, banan banan hiltzen ari zitzaizkien, sabela ikaragarri puztuta. Han ez zen bizitzerik, baina bertan ziren Txomin, Maixan eta sei seme-alabentzat zerbait pentsatu beharra zegoen. Azkenean, egoeraren larritasuna ikusirik, Txominek proposamen hau egin zion emazteari: - Maixan, honela ez dinagu jarraitzen ahal. Azken behia hiltzen ari zaigun tropeziak-edo jota. Sei seme-alaba ditinagu gure gain, eta ez zienagu jatekorik eta janztekorik emaiten ahal. Laster beraiek ere, gaixotzen hasiko zaizkigun. - Eta zer eginen dugu? – Maixanek, malkoak begietan zituela. - Zera pentsatu dinat… – jarraitu zuen Txominek– Behirik gabe ez dinagu aitzina egiten ahal, eta sosik ez daukagunez gero, onena dun hi zenbait urtetan Baionara neskame joaitea. Horrela, urte pare batean, behi berria erosiko geniken eta berriz hutsetik abiatu ahalko. Zer iduritzen? - Baina, baina… eta gure seme-alabak? – Marixanek, senarrak egiten zion proposamena ezin sinetsiz. - Lasai laztana! Nirekin egonen ditun goxo-goxo, Ni izanen naun, hi kanpoan hagoen bitartean, beraien aita eta beraien ama. – Txominek. Maixan isildu zen. Barrua penaz eta tristuraz lehertzear zuen arren ez zuen txintik ere erran. Erabakia hartua zeukan. Hil berean, puskak jaso eta Baionara aldera abiatu zen. Lehen urtea pasatuta, Maixan Errekaldera itzuli zen. Inoiz baino ederrago eta dotoreago zetorren. Denentzako opariak zekartzan. Sos anitz ekarri zuenez gero, bat ez, bi behi erosi zituzten. Hilabete eskasa egin zuen baserrian, berehalaxe hartu baitzuen, berriz ere, Baionarako bidea. Bigarren urte betetzean, Errekaldera itzuli zen. Opariak zekartzan denontzat. Urrez eta harribitxiez apainduta zetorren: urrezko belarritako handiak, perlazko lepokoa, urrezko eraztun eta eskumuturreko ugari… Jantziak ere dotoreak eta garestiak ziren. Ekarritako diruaz hiru behi erosi zituzten. Baina orduan hasi ziren auzoan eta herri osoan mihi gaiztoak dantzak, inbidia ez baita inoiz ezkutuan gelditzen. Kontu txar haiek Txominen belarrietara iritsi ziren eta gure gizonaren baitan arrangurak eta zalantzak piztu ziren. Horregatik, har hori ezkutuan ezin eramanez, behin ohean zeudela, horrela galdetu zion emazteari: - Maixan! Sos anitz ekarri dun etxera, gehiegi erranen niken nik. Ez haiz Baionan modu txarrean ibiliko? Ulertzen al didan? Maixan senarrari begira gelditu zitzaion, zer erran ez zekiela. Minutu batzuk mutu egin ondoren, horrela erantzun zion: - Baina Txomin, hik zer nahi duk, adarrik gabeko behiak ala? “AGUR MARIA” BATEN TRUKE Marixol Eseberri Erriberrin bizi zen. Bertan jaioa zen, baita haren gurasoak eta aitatxi-amatxiak ere. Gurasoengandik jasotako okindegi baten jabe zen eta bertan ziharduen lanean goizez zein arratsaldez. Hori dela eta, herrian denek ezagutzen zuten bai bere bizibideagatik eta bai bere eliza-zaletasun handiagatik, Marixol arrunt elizkoia baitzen. Goizero, okindegia zabaldu aurretik, elizara joaten zen meza entzutera eta igandeetan herriko apaiza laguntzen zuen elizako jardueretan. Marixol ezaguna bezain maitatua zen Erriberri osoan. Hogeita hamabost urte zituen eta sasoi betean zegoen. Denetik zuen arren bazuen hutsune handi bat bere bizitzan. Ama izan nahi zuen, baina bekatu egin gabe, hau da, gizonik ukitu gabe. Eta horixe zen bizitzan zuen nahikaririk handiena. Behin, elizatik aterata, eta okindegia zabaltzera zihoala, bidelagun suertatu zitzaion Margari Arellanorekin hitz aspertu bezain interesgarria eduki zuen, haren baitan itxaropena piztu zuena. - Aizan Margari, hire lehengusina, hirekin batera elizako kontuetan laguntzen aritzen zen hura, non da orain? Aspaldian ez zeukanat haren berri. - Nork erraten dun, Artaxoako lehengusina? Jerusa Uriarte? - Bai, bera! Aspaldian ez dinat ikusi! - Ezta ikusiko ere! Hura Artaxoara bizitzera joan zunan, eta han aritzen dun bere umea zaintzen. Gaixoak aski din. - Zer dion? Bere umea zaintzen? Baina ezkondu al zen? – Marixolek, arrunt harriturik. - Ez, ez, ez! Jerusa ezkondu? Bai zera, ezta erotuta ere! – Margarik, misteriozko doinuaz– Jerusa hagitz erlijiosoa dun, kristau ona, eta ez din gizonekin erlaziorik nahi. – jarraitu zuen misterioa areagotzen. - Bai, bai, hori dena banekinan nik. – Maixolek, guztiz nahasirik– Baina orduan… ume hori? Jasoa izanen dun, noski! - Jasoa, bai zera neska, ongitxo erditua! – Margarik, irribarrez. - Hau misterioa neska! – Maixolek, ezin ulertuz– Gizonik ez, baina haurra eduki. Nola uler daiteke hori? - Marixol, hik ezagutzen al dun herrian, gaztelutik gertu dagoen monasterioa? - Ezagutuko ez dudan ba, neska! Nire amatxi bat bertan aritu zunan urte luzetan garbiketa kontuetan. - Ba, Jerusa bertara joan zen eta Agur Maria batekin haurdun gelditu. – Margarik, misterioaren aitorpena eginez. - Ene bada! Aitaren eta semearen…! – Marixolek gurutze santuarena egiten– Eta nik jakin ez! Nik ere horrelako zerbait beharko niken! Hurrengo goizean Marixol Margarik aipatutako monasteriorantz abiatu zen. Pozaren pozez zihoan. Azkenean, bere bizitzako ametsa beteko zuen. Monasteriora iritsita, ate nagusiko aldaba jo zuen: Danba, danba, danba…! Handik zenbait minututara fraide atezainak ate ondoko zurezko leihatila bat zabaldu zuen eta bertatik Marixol agurtu: - Jainkoak egun on eman diezazula! Zer nahi duzu? – galde egin zion Marixoli ahots geldoaz. - Baita berorri ere! – Marixolek, amini bat lotsatuta, erantzun. - Zer nahi duzu? – errepikatu zion fraide atezainak. Eta Marixol kontu kontari hasi zitzaion bilatzen zuenari buruzko azalpenak ematen. - Herriko adiskide batek erran didanez, Jerusa Uriarte hona etorri zen familia eske, eta Agur Maria batekin haurdun gelditu omen zen. Nik mirari bera eskatzera etorri natzaizue. – Marixolek, eztarria estutzen zion lotsa gaindituz. Eta fraide atezainak ahots geldoaz erantzun: - Hara, zuk ere badaukazu horren berri. Ba, jakin ezazu mirari hori ez zela Agur Maria batekin izan, gure aita batekin baizik, baina orain oporretan dago. Haren beharra baduzu, itzul zaitez hurrengo hilabetean, hemen harrapatuko baituzu. APAIZA GIDARI Apaizak betidanik izan dira arimen gidari, horretaz aritu dira, aritzen dira eta arituko dira ahitzen ez diren bitartean. Gaurko Euskal Herrian badirudi kate hori haustear edo hautsita dagoela. Gauza da, arimen gidaritzan trebe izan direla beti. Baina orain hemen kontatuko dizuedana ez dago loturik arimen gidaritzarekin, auto gidaritzarekin baizik. Eta hor, hastapenetan bederen, apaiz guztiak ez ziren horren trebe izan. Ikus dezagun On Mañuel Larrauriri gertatu zitzaiona. On Mañuel Izoztaetako erretorea zen. Gizon fina, apaiz abila. Herrian denek maite zuten. Abila zen arimen zaintza kontuetan, eta diotenez, abilagoa oraindik herriko frontoian. Arratsaldero hor aritzen sen, sotana eta guzti, pilota poliki astintzen. Gutxi ziren haren aurka partidaren bat irabazia zutenak. XX. mendeko 60ko hamarkadan behar berriak sortu ziren eta On Mañuelek ere aurre egin behar izan zien. Izoztaetatik hamabost bat kilometrotara zegoen Ilardui herriko erretorea hil berria zen eta hango arimak gidari eta zaindari baten beharrean zeuden. Gotzainak On Mañuel proposatu zuen, Izoztaetako erretorea izateaz gain, Ilarduikoa ere izan zedin. On Mañuelek gotzainaren agindua obeditu zuen eta orduz geroztik han ibiltzen zen egunero Izoztaetatik Ilarduira eta Ilarduitik Izoztaetara, horretarako propio, gotzaindegitik bidalitako asto zuri-beltzaren gainean. Baina jarduera berri honek bete-betean harrapatu zuen gure On Mañuel, eta egun osoa ematen zuen horretan, beste zereginetarako denborarik gabe. Akabo frontoia eta akabo lagunartea! On Mañuel erre-erreta zebilen, erreta baino gehiago kiskalita, eta azkenean, bere arrangurak biltzen zituen gutun luzea idatzi eta igorri zion gotzainari. Gotzainak, On Mañuelen estresaren berri edukitzean, gupidatu eta orduko garaiekin bat egiten zuen alternatiba prestatu zuen. Auto bat emango zioten On Mañueli bi herriak ongi zaindu zitzan. Eta horrela egin zuten. Mercedes zuri bat jarri zioten elizaren aurrean. Herritar guztiek, txunditurik eta inbidiaturik, begiratzen zioten autoari, lehena baitzen herrian eta bailara osoan. Alkate berak ere ez zeukan halako tramankulurik. On Mañulek aski ongi frogatua zeukan arimak eta astoa gidatzen trebea zela, baina orain gauza bera egin beharko zuen auto moñoño harekin. Zenbait hilabetetan bizimodua izugarri zaildu zitzaion gure erretoreari, auto hura gidatzeko gida-baimena atera beharra baitzeukan, eta gida-baimena ateratzeko Iruñeraino joan beharra baitzeukan. Baina bi aldiz pentsatu gabe, On Mañuelek ikasteari ekin zion. Horretarako astoz joan behar izaten zuen urrutiko herri koxkor bateraino, astoa bertako apaizaren etxean utzi, autobusa hartu eta Iruñeraino. Iruñeko auto-eskolan bizpahiru ordu ikasten eman eta ondoren alderantzizko bideari ekin. On Mañuel gureak neka-neka eginda, arrunt unatuta, bukatzen zuen eguna. Ez zuen inongo frontoirako denborarik, baina hala eta guztiz ere, pozik zegoen, luzera bere onerakoa zela ongitxo baitzekien. Denboraldi txar hura pasatu behar, gero lasaiago ibiltzeko. Jesukristok basamortuan egindako denboraldian jasan zuen sufrikario latza zen On Mañuelen kontsolamendu bakarra. Hark gorriak pasatu bazituen, On Mañuel ere, kristau on bat bezala, prest zegoen beltzak eta gorriak pasatzeko. Eta azkenean, bost hilabete beranduago, gida-baimenaren jabe egin zen. Harro-harro erakusten zien Izozteta eta Ilarduiko herritarrei. Eta autoa lehen aldiz mugitzeko eguna iritsi zen. On Mañuelek, herri guztia --alkatea eta guzti-- aurrean zuela, autoa piztu zuen. Haren zarata polita! Haren edertasuna! - Hori da, On Mañuel, hori da! – garrasi egiten zioten herritarrek, pozaren pozez. On Mañuel autoa poliki-poliki mugitzen hasi zen. - Hau da On Mañuel gurea, hau! – Margarita serorak ondoan zituen lauzpabost amatxi zaharrei– Beti izan da ikaragarri ausarta! Poliki-poliki Izoztaetako plazatik atera zen eta herria zeharkatu zuen behin, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi,… hamaika aldiz. Jendeak harrituta begiratzen zion. Berriro plazara sartzean alkateak galde egin zion: - Zer du berorrek? Ezer gertatzen al zaio? Eta apaizak autotik erantzun: - Bai, ahantzi dut zer egin behar den autoa gelditzeko. - Ba, hemen herrian halako kontuetan inork ez daki deus. – alkateak. - On Mañuel, aritu hemen herriko plazan itzuliak ematen gasolina ahitu arte! – sakristauak oihuka. Eta horrela egin zuen On Mañuelek, herriko plazan itzulika-mintzulika aritu zen hamalau bat orduz erregaia bukatu zen arte. On Mañuel gizajoa horretan aritu zen bitartean herri guztia egon zen plazan arrosario saindua errezatzen. Joxe Mari sakristauak zuzentzen zuen eta herritar guztiek debozio handiz jarraitzen zioten. Gaixo On Mañuel! Gau osoa eman zuten beila hartan, arrosario sorta ederra errezatuz. Azkenean, goizaldeko lehen argi printzekin batera, On Mañuelen automobilak ufada ttipi bat egin eta plaza erdian gelditu zen seko. Erretorea akitua baina bizirik atera zen automobiletik, eta herritar guztiei banan-banan eskerrak eman ondoren, apaiz-etxera erretiratu zen. Asmakizun berri hauek! – zebilkion buruan bueltaka– Astoa lasaiagoa duk, baina sooo! esan eta bertan gelditzen duk, kieto! HERRENA ETA ZEZENA Donostiako Gros auzoan bazen Txofre izeneko zezen-plaza. Garai oso zaharretatik bazen zezen-plaza gero egon zen tokian duna bat, eta duna horretatik bonbardatu zuten Wellingtonen kanoiek 1813. urtean eta hiri gotortuaren harresian bretxa edo zulo handia egin. Zulo horretatik sartu ziren abuztuaren hogeita hamaikan Donostia erre eta donostiarrak sarraskitu zituzten soldadu britainiar eta portugaldarrak. Askoz geroxeago egingo zuten duna gainean arestian aipatutako zezen-plaza. Zinerik eta telebistarik ez zegoen garai haietan zezenketak ziren, antzerkiarekin batera, ikusgarri publiko ia bakarrak. Zezenketek jende asko erakartzen zuten eta ondorioz, diru-iturria ere bazen. Zezenketak ziren aldiro jendetza handia hurbiltzen zen Txofre aldera, eta horretaz baliatuz, plazako sarreretan eta ingurunetako tabernetan eskale tropeltxo bat ibiltzen zen. Horietako deigarriena agian, zurezko orgatxo baten gainean mugitzen zen Blax herrena. Zezenketa zen guztietan Txofre aldera hurbiltzen zen bertara joaten ziren guztiei dirua eskatzera. Betidanik ezaguna zutenez gero, donostiarrek, Blax eskean ikusten zutenean, txakur txiki bana ematen zioten. Eta badirudi askotxo ateratzen zuela. Blax Urkia gizon argia zen, bizkorra,… eta eskean ari zela Iparragirreren kantuak edota Txirritaren bertsoak abesten aritzen zen. Gernikako Arbola primeran kantatzen omen zuen eta donostiarrek kantu hori izugarri maitatzen zutenez, ongitxo saritzen zuten gure herrena. Blaxen bizio bakarra ardoa zen, eta horretan xahutzen zuen anitzetan Txofren irabazitako dirua. Behin, zezen bihurri batek alde egin omen zuen plazatik. Atzetik zezenketariak eta guardiak bazihoazkion ere, ezin izan zuten, inolaz ere, harrapatu eta zezena Groseko kaleetan barrena ibili zen auzotegi osoa beldurtuz. Jendea korrika eta lasterka zebilen babes bila. Halako batean, zezena Blax eskalearekin topatu zen. Aurrez aurre zeuden, elkarri begira. Blax galtzetan kaka eginda zen, baina ezin zuen orgatxo harekin ihes egin. Etxeetako leihoetatik jendeak alde egiteko eskatzen zion: - Korri Blax! Alde egin ezak hortik! - Gorde ezak hire burua! Korri! - Segi ezak eskuin aldera! Azkar! Baina beranduegi zen. Blaxek bazekien korrika hasiz gero, zezenak harrapatu eta bota egingo zuela airean, orgatxo eta guzti. Horregatik geldi-geldi zegoen, zirkinik egin gabe. Horrela zegoela Jaungoikoari oihuka eskatzen hasi zitzaion. - Jaungoiko nirea, utz nazazu gutxienez orain arte egon naizen bezala. Ez okerrago. Baina zezena ez zen Jaungoikoaren beldur, eta sudur zuloetatik airea jaurtiz, eta marru basa eginez, abiadura hartu eta ziztu bizian Blaxengana abiatu zen. Eta orduan gertatu zen gertatu zena. Blax zutitu zen, eta zurezko orgatxo gurpilduna alde batera utzirik, korrika egiteari ekin zion. Kaletik behera zihoan zezenak gertutik jarraitzen ziola. Kale hartan bazen jende franko, izkinetan gorderik, eta zezena zihoakiela ikustean, lasterka egiteari ekin zioten denek. Hura giza zurrunbiloa! Hura izua! Eta garaiko kronikek kontatu zutenez, Blax herrena omen zen denen artean azkarren korri egiten zuena. Santa Katalina zubira iristean, bertan zain ziren guardiek tiroz hil omen zuten zezena. BI EMAKUME KANPOSANTUAN Maritxu eta Iñaxita ahizpak ziren, oiartzuarrak, Donostiara ezkonduak zirenak. Lehenak lau seme-alaba zituen eta bigarrenak hiru. Donostian ongi moldatzen baziren ere, bazuten bihotzean zimiko bat, Oiartzun eta Oiartzunen utzitako familia eta lagunak falta baitzitzaizkien. Hori zela eta, Donixtebanak zirenean, senideak etxean utzi eta Oiartzunera joaten ziren guraso zaharrak, anaia-arrebak eta betiko adiskideak ikustera. Sos askorik ez zutenez gero, oinez joaten ziren biak elkarrekin Ametzagainetik barrena, XX. mendearen hasieran guztiz ohikoa zen bezala. Urte hartan aste mundiala egin zuten Oiartzunen, lagun batekin eta bestearekin egoteko parada ezin hobea izan baitzuten. Gurasoak, zahar samar topatu bazituzten ere, osasunez ondo zeudela ikustean, poz handia hartua zuten. Zoritxarrez, gauza guztiek dute euren akabera, eta gauza onek lehenago. Maritxuk eta Iñaxitak gurasoekin eta gainerako ahaideekin agurtu eta Donostiarako itzulbideari ekin zioten. Oiartzunen ikaragarri ongi pasatu bazuten ere, bazuten gogo handia senarrak eta seme-alabak berriro ikusteko. Bidea luzea eta nekeza zen, eta bi egunetan egitea nahi zuten. Bigarren eguneko arratsean, Ametzagaineko magalean dagoen Otxoki baserrira iritsi ziren. Han bazuten txikitako lagun bat, Ugaldetxoko Margari Aduriz, bertara ezkondua zena, eta urtero bezala, bertatik igarotzean, derrigorrezko bisita egin zioten. Margarik eta Joxe Mari senarrak, urtero egiten zuten bezala, izugarri ongi hartu zituzten bi ahizpak. Beraiekin eta haien bost seme-alabekin batera afaldu zuten Otxokiko sukalde goxoan. Oru luze eman zuten sukaldean hizketan hasieran eta kantatuz gero Margarik ateratako kafesne beroen inguruan. Halako batean, Joxe Marik botila bat atera zuen arasa batetik eta ordurako hustuta zituzten katiluetan zerbitzatzen hasi zitzaien. - Zer duk hori, Joxe Mari? – galde egin zion Iñaxitak. - Uxuala Iñaxita, uxuala. – Joxe Marik. - Uxu… zer? – Iñaxitak, edariaren izena ezin errepikatuz. - Uxuala, uxuala neska! – Margarik– Koxme lagunak ekarri zionan Getariatik, hango baserrietan egiten omen diten. - Hara! Usain ona dik, Joxe Mari. – Maritxuk, katiluan ateratakoa usainduz. - Dasta dezagun bada. – Iñaxitak katilua altxatuz eta ezpainetara eramanez. - Itxoin ezak pixka bat neska! – Margarik– Egin dezagun topa! - Bai horixe! – Joxe Marik, bere katilua altxatuz– Gu denon graziaz. Jaungoikoak osasuna eman diezagun hemen gauden guztioi, eta hurrengo urtean ere, orain bezalaxe, hemen bil gaitezen! Topa! - Topa! – Margarik. - Topa! – Mirentxuk. - Topa! – Iñaxitak. - Eta gazteek ez al dute edaten? – Maritxuk, baserriko seme-alabak seinalatuz. - Ez, gaztetxo samar ditun oraindik horrelako edari azkarra edateko. – Margari amak. - Baina, horren azkarra al dun? – Iñaxitak. - Bai, hildakoak berriro pizteko modukoa. – Joxe Marik. - Baina etxera joan behar diagu, Joxe Mari. – Maritxuk eta Iñaxitak, biak batera. - Lasai, lasai! – Margarik– Badakizue hemen baduzuela lo egiteko tokia. Gaua gurekin pasa eta bihar, goiz-goizean, gosaldu ondoren, zuen etxe aldera abiatu. - Mila esker Margari, bihotzez estimatua, baina lehenbailehen iritsi nahi dinagu gure etxeetara. Astebete egin dinagu Oiartzunen eta gureak berriz ikusteko irrikan gaitun.– Maritxuk eta Iñaxitak batera. - Horiek ere bihar arte han egonen dira, etxeko zuloan, lasai ederrean. Gaua da eta gaua lo egiteko egina dago. – Joxe Marik. - Mila esker berriro ere, Joxe Mari, bihotzez estimatzen diagu zuen gonbitea, baina etxera joan beharra zeukaagu. – Maritxuk. - Ongitxo ulertzen dizuet, emazte eta ama zarete. Ni ere, zuen tokian banengo, etxera iristeko irrikan egongo nintzateke. Gizonek ez dute gure antzik eta ezin dute hori ulertu. - Dena den, uxuala izugarri goxoa duk Joxe Mari. Barrena piztu zidak. – Iñaxitak– Emaiguk beste zurruta bat bidea indarberriturik har dezagun. - Bai horixe! – Maritxu ahizpak– atera ezak beste zurrutada bat! – eskuan zuen edalontzia Joxe Marirengana luzatuz. Joxe Marik botilari kortxoa kendu eta katiluetan zurrutada ederra zerbitzatu zuen. Osasuna! esanez edalontzia altxatu zuen. Gure graziaz! Topa! - Topa! – Margarik. - Topa! – Maritxuk. - Topa! – Iñaxitak. Hamar minutu beranduago, Margarik eta bere familiak egindako harrera ona bihotzez eskertu ondoren, Ametzagaina igotzen zuen bideari ekin zioten. Ordurako ilun samarra zegoen eta ilargiak eta izarrek emandako argiak bidea argitzen zien. Tarteka, ezker-eskuin zeuden baserriak atzean utziz, bideari lotuta jarraitzen zuten. Kostata, baina azkenean, Ametzagaina igo zuten. - Hau dun hau neska! Gure amona baino zaharragoa nagoela iruditzen zaidan! Inoiz ez dinat horrenbeste kontu izan Ametzagaina igotzeko! – Maritxuk arrunt nekaturik. - Bai neska, niri gauza bera gertatzen zaidan. – Iñaxitak, kopetatik behera etengabean zihoakion izerdia esku batez txukatuz– Ez zekinat zer gertatzen zaidan baina arraro samar nagon. - Baita ni ere! – Maritxuk, bide bazterrean zen harri zabal handi batean eseriz– Dena jira-biraka zebilkinan. Bidea ere ez zaidan betikoa iruditzen. - Eneee! – Iñaxitak, ikaraturik– Gauza bera ari nindunan pentsatzen. Galduak gaitun. - Ez, galdurik ez. Bazekinagu Ametzagaina igo dugula eta hor nonbait gaudela. – Maritxuk. - Hala dun, hala dun. – Iñaxitak. - Hala eta guztiz ere, hau bitxi samarra dun. Eneee! Ez dun Joxe Marik eman digun uxuala famatu horren eragina izango? – Maritxuk, gogoetari emana. - Hori izango dun. Edari hura azkar samarra zen. – Iñaxitak, ahizparen ondoan, harri berean eseriz. - Ni ez nagon bat ere ondo. Burua gaizki zeukanat eta sabela arraro samarra. Bazirudin kakagura handia dudala. Eneee! Ene sabela! Hau mina! – Maritxuk, bi eskuez sabela ukituz. - Ba, niri gauza bera gertatzen zaidan. – Iñaxitak, zutituz eta eskuak sabelera eramanez. - Ni premia larrian nagon. – Maritxuk, obratzeko txoko egokia bilatuz. - Baita ni ere! – Iñaxitak, puzker handiak jaurtiz– Bila dezagun toki ezkutu bat, azkar! - Hemen, hemen Iñaxita! Hemen badun korta moduko bat eta atea zabalik daukala ematen din. – Maritxuk, kakalarria nekez kontzen ari zela. - Goazeman, goazeman! – Iñaxitak, sumendia lehertzear zuela. Ahal bezala, korta moduko hartara sartu, gonak eta gonazpikoak kendu, bazter batean utzi zikin ez zitezen, eta han ziren harri lauza handiren artean libratzeari ekin zioten. Haien puzkerrak eta hango kiratsa! Bospasei minutu beranduago bi ahizpak hobeto zeuden. - Ai neska, lehertu behar nuela uste ninan. – Maritxuk. - Bai Maritxu, nik ere larriak ikusi ditinat. Baina zer eman digute Margariren etxean, purga ala? Bi ahizpak makurka zeudela ari ziren hizketan. Halako batean, Iñaxitak hilobiak eta gurutzeak nonahi ikusi zituen. - Baina neska, non sartu gara? – Iñaxitak, ikaraturik, eta itsu-mitsuka bi eskuez, lehen hobeto libratzeko, kendutako gona eta gonazpikoa bilatzen– Polloeko kanposantuan gaitun! - Aiii, kanposantuan! – Maritxuk, ahizpa esaten ari zitzaiona ezin sinetsiz. Bat-batean, bi ahizpengandik aski hurbil, soinu handi bat entzun zen: karraaaast! - Ene! Gure sakrilegioarekin haserretu ziren espirituak izango ditun! – Iñaxitak, arrunt ikaraturik. - Goazeman berandu baino lehen! – Maritxuk, laborriak zeharo harrapaturik. Bi ahizpek itsu-mitsuan kendutako arropak bilatu zituzten eta ziztu bizian, eroaren gisa, korrika eta lasterka jaitsi ziren urrunean ikusten ziren Egia auzoko lehen etxeetaraino. Ordu erdi batean, Alde Zaharreko haien etxeetan zeuden. Hurrengo egunean, eguerdi aldeko txikiteoan, bi ahizpen senarrak topatu ziren Poyuelo kaleko taberna batean. Ez batak, ez besteak, ez zuten aurpegi onik. - Zer Joxe, gaur ez haut ondo ikusten. – Iñaxitaren senarrak, koinatuarengana hurbilduz. - Ez Mieltxo, ez. Hala duk, ez nagok bat ere ongi. Uste diat emaztea adarrak jartzen ibili zaidala. Atzo gauean, gerritik behera biluzik eta gona eskuan etorri ez zitzaidaan ba. - Hori ez duk ezer, Joxe. Nirea ere pirua horretan etorri zunan, eta gainera Donostiako suhiltzaileek ez zaitugu inoiz ahaztuko zioen mezua zeraman lore-koroa gerrian sartuta. Hortik atera ezak kontua! DE LANCRE ETA GRAXIANAREN MADARIKAZIOA 1609ko urtarrilean, Senpereko eta Urtubiako jaunek Frantziako IV. eta Nafarroako III. zen Henrike erregeari ordezkari berezi bat bidal zezala eskatu zioten, herrialde osoan indartzen ari omen ziren sorginei aurre egiteko. Hauxe izan zen bi jauntxo horiek erabilitako estakurua , benetan nahi zutena, Lapurdiko Biltzarrean biltzen ziren etxeko jaunen boterearen aurka jotzea baitzen. Erregeak ederki zekien hori, baina bi jauntxo horiek eskatutakoa bat zetorren erresumako lurraldeak uniformatzeko zeukan asmoarekin. Lapurdiko euskaldunak beraien foru edo eskubide historikoez gobernatzen ziren. Etxe bakoitzak aita --etxeko jauna-- bidaltzen zuen herrietako biltzarretara, eta herri guztietako ordezkariak Uztaritzen biltzen zen Biltzarrera joaten ziren. Usadio eta lege zaharrei begiratuz gobernatzen zuten herrialdea. Eta horixe zen erregeak ezabatu nahi zuena, Parisen zentralizatutako aginte zuzen batez ordezkatzeko.Eta horrela, sorginen aitzakiari helduz, Bordeleko kontseilu gizona zen De Lancre hautatu zuen eta maiatzean Lapurdira igorri. Baionara iristean Moxen Bertrand Etxauze apezpikuak ongi etorria egin zion, eta badirudi lehen momentu horretatik De Lancreren eta Etxauzen arteko aurkakotasuna sortu zela. Baionan zenbait lagun erre ondoren, Senperera abiatu zen eta bertako postetxe eta aterpe zen Barberenea izeneko etxean finkatu zen bere segizioarekin batera. A zer nolako segizioa: soldaduak, borreroak eta tortura-tresnak.. Osora hogeita bost bat lagun inguru. Barberenean bere burua kokatu ondoren, tragedia haren piztaile ziren Senpereko eta Urtubiako jaunek lehenengoaren gaztelura afaltzera gonbidatu zuten. Eta hortxe hasten da gure istorio hau. Senpereko jauregiko ganbera nagusian, janariz eta edariz mukuru den mahai inguruan eserita, hiru gizon ari dira afaltzen: bertako nagusia den D´Amou jaun gaskoia, Urtubiako jauna eta etorri berria den De Lancre epaile eta errege ordezkari dena. Halako batean, D’ Amouk kopa altxatuz brindis bat egitea proposatzen du. - Jaunak, egin dezagun topa, denok espero genuen egun handia iritsi baita. - Bai, egin dezagun topa! – Urtubiako jaunak, bere kopa altxatuz– Hauxe zen aspaldian itxaro genuena. - Jaun estimatuak – De Lancrek, bere kopa altxatuz– topa egin dezagun Jainko Handiak Lapurdiko sorgin zital horiek guztiak jakituriaz eta zuhurtziaz zigor ditzan! - Topa! Topa! Topa! – hiruek batera, euren kopak behin eta berriz toparaziz. Gau hartan, De Lancrek D´Amouk eta Urtubiak egindako susmagarrien zerrenda jaso zuen beraien eskutik. Bertan baziren, bi jauntxoei itzal egin ziezaietenez gain, era guztietako herritarrak: herriko jaunak, bordariak , emakume belagileak , apezak, Ternuan arrantzan ari ziren arrantzaleen emazteak… Haien bekatu bakarra bi jauntxo horien begikoak ez izatea, eta Parisetik bultzatzen zuten gizarte eredurako bitxi eta deserosoak izatea. Bilkura hura bururatzean, D´Amouk zerbitzari bat deitu zuen De Lancre Barberena ostaturaino gida zezan. - Graxiana ! Graxiana ! - Zer duzu Jauna ! Deitu nauzu ? – erantzun zion jangelara sartu berria zen emakume zerbitzariak. - Bai Graxiana, atea behar diozu erakutsi jaun handi honi eta aterpe duen Barbereneraino eraman. - Nahi duzularik, Jauna ! Graxiana jangelatik ate nagusi aldera abiatu zen de Lancre gibeletik zeramala. Zerbitzariak eskuan kriseilu bat zeraman bidea argitzeko. Lepotik zintzilik zilarrezko lauburu bat zeukan. De Lancrek ikusi orduko galdetu zion : - Zertako dakarzu, lepotik zintzilik, deabruaren gurutze hori ? - Deabruarena? – Graxianak, arrunt harrituta– Zer ? Hau euskaldunon lauburua da, gu babesten gaituen ikur zaharra. - Emazte euskaldun zikina! – De Lancrek, biziki haserreturik– Ez zikindu gehiago Jainko ahalguztidunaren izena horrelako sineskeriez. Sorgina al zara? - Sorgina ni ? Nahi nuke, baina ez dut horrelako doarik. Sorginak emakume baliosak dira, sendabelarretan jakintsuak, euskal errito zaharrak zuzentzen dituztenak. Ni, zorigaitzez, emakume arrunta naiz, ez dut holako jakintzarik. Maleruski ez dakit deusik. Baneki… – Graxianak, arrotzaren galdera ezin ulertuz. - Ixo, ixo atso madarikatua ! Aski dut ! Gorde ezazu zure mihi gaiztoa. Sorgina ematen duzu ! Akelarretan ibiltzen al zara ? - Kar, kar, kar, kar, kar,… ! – Graxianak barreari ezin eutsiz– Zer nahi du arrotz zahar honek, gure akelarre batera etorri ? – bere buruari galdetuz– Ez du aire onik. Erdi eroa iduri. Ez dut ikusten dantza-sokan ez eta jauzietan ere. Ez du ematen oso dantzari ona denik. Sagardo zurrutada bat edan ondoren, akabo izanen da gizon hau, bertan mozkortuko zaigu. – eta frantximantari begira: “Gaskoiniako Joanikot, egidazu uzkian pott” De Lancrek aitaren egin zuen, eta gehiago esan gabe, Graxianaren urratsen ondotik jarraitu zuen. Zerbitzariak jauregiko ate nagusia ireki zion eta kanpora atera ziren biak. Barberenera gidatu zuen gero, bidea eskuan zeraman kriseiluaz argituz. Aterperako bidean, De Lancre gogoetan aritu zen gau hartan ikusitako eta entzundako guztiaz. Gauza bat zuen garbi bere buruan: Lapurdiko emakume guziak sorginak ziren. Hurrengo goizean esnatzean, ostatuko jabearen bisita izan zuen. Maialen Hiriart alargundu berria zen eta hori dela eta, senarra izan zenaren ostatua gobernatu beharra zeukan. De Lancre biziki koleratu zen emakume bat etxe-jabe zela ikustean. Haren ustetan euskaldunak gorrotagarriak ziren beretzat, deabruaren hizkuntzaz mintzo ziren, ez ziren ez frantses eta ez espainol, gizon libreak ziren frantsesak menpekoak ziren bitartean, berezko gobernu erakundeak zituzten… sinesmen zahar paganoei atxikiak bizi ziren, eta gainera, besta zale handiak ziren, sagardo edale amorratuak, sexu arloan libre samarrak.... Eta hori guztiaz gain, haren aitatxi ere euskalduna zen, Rostegi abizenekoa, Nafarroa Behereko Jutsi herrikoa. Eta, batez ere, horrek kiskaltzen zion barrena, bera frantses eta giristino ona baitzen, eta ezin zuen eraman zainetan euskal odola edukitzea. Hori dena zuen barruan bor-borka, eta horiek guztiak desagerrarazteko grinak barne-barnetik erretzen zuen. Bigarren gauean, Jaungoikoarekin solasean ari zela, leihotik zenbait itzal iragaiten ikusi zuen. Kontu handiz eta erdi ezkutuan, karrikara atera eta zenbait gizon-emakume mendi aldera zihoazela ikusi zuen. Beraien artean Graxiana zerbitzaria eta Maialen Hiriart ostalersa alarguna zihoazen. - Nora ote doaz gaueko ordu ttiki hauetan? – pentsatu zuen bere baitarako– Akelarre horietako batera joango ote dira? Bi aldiz pentsatu gabe, bere ganberara sartu, eta aurpegia estaltzen zion hegal zabaleko kapel handi bat buruan jarrita, berriz irten zen ostatutik eta hurbileko mendietara zihoazen herritarren gibeletik abiatu zen. Mendi estrata batetik barrena ibili ziren oren erdi batez eta azkenean, harkaitz handiren artean zegoen belaze batera iritsi. Han baziren berrehun bat lagun, gizonak eta emakumeak, zaharrak eta gazteak, seguruenik aldameneko herrietatik ere etorriak. Den-denak deabruaren mintzairaz ari ziren, euskara zikinaz. Belazearen izkina batean, harkaitz handi horietako baten ondoan, harrizko aldaretxo moduko bat zegoen, eta bertara hurbildu ziren lauzpabost lagun. Horietako hiruk –-gizon bik eta emakume batek— esku ezkerraz basa xirula bat jotzen zuten eta eskuinaz danbor bitxi bat (ttunttuna). Beste biek – neska batek eta mutil batek– pandero handi bana jotzen zuten. - Horiek dira, zalantzarik gabe, akelarreko errege-erreginak! – pentsatu zuen De Lancrek. Xirulari horietako batek egindako soinuzko seinaleari gainerako musikari guztiak erritmo alai eta bortitz batean lotu zitzaizkion eta belazean bildutakoak jauzitan eta dantzan hasi ziren. Erritmo hura gero eta biziagoa zen, gero eta azkarragoa, panderodunetako batek ozenki emandako aginduei jarraiki dantzatzen zuten belar-soroan bildutakoek. Dantza horren ondotik beste bat etorri zen, eta ondoren bestea. Tarteka baziren bestelako dantzak ere: fandangoak, soka-dantzak eta horrelakoak. Gorputzak izerditan blai zeuden, emakumeen bularrak airoski mugitzen ziren dantza zoro haietan, eta fandangoetan, besoak altxatzen zituztenean, nabari gelditzen ziren denon begi-bistarako. Soka-dantzetan gorputzak bata bestearen kontra pilatzen ziren inolako lotsarik gabe, etengabeko ukitu sentsualak eginez. Horrela iruditzen zitzaion De Lancreri, bederen. Gure gizona arras eskandalizaturik zegoen “akelarre” lizun hura ikusita. Geroxeago, zenbait gizonek ardoz betetako bi zahagi eta sagardoz gainezkaturiko bizpahiru barrika ekarri zituzten. Zurezko edalontziak nonahi agertu ziren eta den-denek edateari ekin zioten alaitasunezko oihuen artean. Alkoholak zelai hartan bildutakoak are gehiago piztu zituen, eta indar handiagoz ekin zioten dantzatzeari. Ordurako, dantzarien gorputzak blaitutako atorretan garbiki ikus zitezkeen eta bai gizonezkoen eta bai emakumezkoen formak nabari. Jadanik, han-hemen baziren zenbait lagun lurrean eserita edota etzanda zeuden. Horietako batzuk elkarri musuka ari ziren, edota besarkaturik inolako erreparorik gabe. Eta hura zen De Lancrerentzat hango guztiak sorgin-aztiak zirela argudiatzeko topa zezakeen probarik garbiena. De Lancre alde batetik bestera zebilen akelarre hura hobeto ikusi nahian. Halako batean, soka-dantza deabruzko batean zebilen neska batek eskutik hartu eta bere borondatearen aurka biribilean, dantzan, sartu zuen. De Lancrek berehala ezagutu zuen dantza hartara sartu zuena, Graxiana zen, D¨Amouren zerbitzaria. Bazirudien neskak ere De Lancre ezagutua zuela. Barreen artean euskaraz hitz egiten zion. De Lancre, desesperaturik, indarka ari zen aitzinetik eta gibeletik dantza-biribil hartara lotzen zuten eskuetatik libratu nahian. Horretan ari zela, Graxianaren eskutik libratu eta dantzaren erritmoaren indarrak eraginda, lurrera erori zen denon begien aurrean. Hangoen algarak! Hangoen barreak! De Lancre amorruz betea zen, eta inork ulertzen ez zituen frantsesezko madarikazio eta purrustadez erantzuten zien bertakoek euskaraz esaten zizkiotenei. Graxiana, gupidaturik, De Lancrerengana hurbildu, eta lurretik altxatzen ahalegindu zen. De Lancrek, harrokeriak itsuturik, Graxianak eskaintzen esku lagunari uko egin zion. Orduan, Graxianak, haserreturik, D´Amouren etxean bota zion erretolika berberaz erantzun zion: “Gaskoiniako Joanikot, egidazu uzkian pott” Graxianak botatakoak inguruan zeudenen barre-algarak altxatu zituen eta De Lancreren amorrua areagotu. - Sorginak, euskaldun zikinak! Larrutik ordainduko didazue! Su sakratuak bazter hauek garbituko ditu betiko! - Zertan ari da? – Graxianak, ezin ulertuz. - Euskaldunez gaizki esaka, ene ustetan. – ondoan agertu zen Maialen Hiriartek. - Gutaz gaizki esaka? – bazterrean zeuden bizpahiru mutil morroskoek. - Kaskoin zikina!, zer du gutaz trufatzeko? – horietako batek. - Kaskoin mihia, suge mihia! – horietako beste batek. - Nik erakutsiko diot frantximant horri, zein garen euskaldunok! – hirugarren batek, eskuan zuen makilatzarraz De Lancreren buru-bizkarrak indarrez astinduz. - Geldi, geldi! – beste guztiek batera– Akabatuko duk! - Geldi Allande, geldi! Uztak kaskoina lasai, uztak! – Graxianak. Graxianaren, Maialen Hiriarten eta aldean ziren beste bi emakumeren artean De Lancre hebaindua altxatu zuten. Zurbil-zurbila zen eta konortea erdi galdua zuen. - Gizon hau ez zagon bat ere ongi! – Graxianak, arrotzaren piura txarraz asaldaturik. - Nola nahi dun ongi egotea, Allandek eman dizkion makilakadak jaso ondoren. – Maialen Hiriartek. - Emaiozue baso bat sagardo eta piztuko da! – hango neska batek, eskuan zuen baso sagardoa Graxianari luzatuz. Graxianaren eta Hiriarten artean edaten eman zioten erdi zorabiaturik jarraitzen zuen De Lancre malapartatuari. Honek txintik esan gabe basoa hustu zuen. - Hara! Kaskoinari gure sagardoa gustatu zaio. – morroskoetako batek beste guztien barreak sortaraziz. Sagardoaren gozoak De Lancre piztu zuen. Lurretik altxatu eta arrastaka hasieran, eta ahal zuen moduan gero, belazetik urrundu zen Senpere aldera, erromerian zirenen barre eta oihu ozenak belarrietan barruraino sarturik zeramatzala. - Madarikatuak! Euskaldun zikinak! Gaur egindakoa garesti ordainduko didazue! – bota zien ozenki, bada ezpada ere urrun samar zelarik. Inork ez zion deus entzun, eta denek dantzari lotuta jarraitu zuten. Hurrengo goizean, De Lancreren soldaduek Maialen Hiriarte eta Graxiana Etxeberri atxilo eraman eta Senpereko gazteluko ziegetan sartu zituzten. De Lancrek sorginak zirela zioen. Borreroek ankerkeria handiz torturatu zituzten eta gero sutara kondenatu. Erretzera eraman zurretik, beraietaz agurtu nahi izan zituen. Soldaduek, odolez beterik, guztiz desitxuraturik eraman zituzten De Lancreren ganberara. De Lancre ez zen bat ere gupidatu bi emakumeen egoera penagarria ikustean, eta harrokeria handiz hitz egin zien, ondoan zuen itzultzailearen laguntzaz. - Zer moduz daude gure sorginak? Jadanik, ez dute deabruzko dantza horietan aritzeko gogorik? Kar,kar,kar…! Mailen Hiriart isildu zen mespretxuzko begirada finko zuzentzen zion bitartean. Graxianak, berriz, ozenki erantzun zion: - Frantximant bihozgabea, deabru txarrek eraman hazaten! - Ixo, ixo urdanga! Aski entzun dizut! – De Lancrek, Graxianarengana hurbilduz. Graxianak, abagunea baliatuz, tu egin zion begietara, eta ostikada bortitz batez errege ordezkari ankerraren barrabilak zigortu zituen. Soldaduek kolpez josi zuten eta lurrera bota. De Lancrek, eroturik, aginduak eman zizkien bere menpekoei. - Eraman, eraman itzazue eta erre lehenbailehen, su sakratuak lurralde zikin hau sorginez garbi dezan! Soldaduek bi emakume gaixoak hartu eta kanpora eraman zituzten. Maialen Hiriartek lehen bezain isilik segitzen zuen, begiak eroturik zituela zirudien, burua arrunt galdurik… Graxianak, berriz, azken madarikazioa botatzeko astia ukan zuen: - Zerri alaena, kaskoin zikina, erre egingo gaituzu, baina zure bihotza ere zure bizitzaren une orotan kiskaliko da, baita heriotzaren ondorengo eternitate osoan ere! Gaur ez dakigu seguru De Lancre hiltzaileak zenbat lagun erre zituen Lapurdiko lurraldeetan izan zen bitartean. Batzuek laurogei bat inguru erre zituela diote, baina badirudi atxilotuak eta torturatuak berrehun bat inguru izan zirela. Baionako apezpiku zen Bertrand Etxauz baigorriarrak Frantziako Henrike IV.aren aurrean ezarritako salaketak eta Ternuan, balearen arrantzan zeuden bost mila gizonen itzulerak De Lancre odoltsua Euskal Herritik Bordelera urrundu zuten. Eta luze bizi izan bazen ere, badirudi Graxianak botatako madarikazioa gibelean izan zuela beti. Bihotzaren aldean, su antzeko batek bizitza osoan Heriok berekin eraman zuen arte, oinazepean eduki baitzuen. Gauetan esnatu egiten zen ikaragarrizko garrasiak jaurtikitzen zituelarik. Hil ondorengo eternitatean ere, su berberak kiskali beza betiko De Lancreren bihotz krudela! GARAIEZINA DA 1936ko urriaren azken egunak dira. Espainiako soldadu faxistak Gipuzkoako kostaldeko herriez jabetu berriak dira. Soldadu falangistak eta erreketeak odolez eta alkoholez mozkorturik daude eta bertako biztanleekin era guztietako gehiegikeriak egiten dituzte: lapurretak, umilazioak, bortxaketak, torturak, fusilaketak… Kostaldeko gizon gehienak Eibarko frontean daude erresistentziari emanak, galdutako erretagoardian, berriz, emakumeak, haurrak eta zaharrak gelditu dira, irabazle bihozgabeen menpe. Irabazleek ardo zahagiak eta barrikak bilatzen dituzte etengabeko mozkorraldian jarraitzeko, baina bertako biztanleek hori jakinda, ardoa pozoitzen dute soldadu faxisten artean heriotza ereinez. Hori dela eta, tropa-buruek debekatu egin diete euren soldaduei biztanleei lapurtutako zahagi eta barriketatik edatea. Rodrigalvarez kapitaina dugu buru horietako bat, baina bere gizonek sariren bat merezi dutelakoan, jadanik aukeratua du nora joan eta nondik edan. - Mutilak! – bere gizonei begira– Gaur herri honetako sagardoa dastatuko duzue, nahi adina, gainera! - Biba kapitaina!!! – soldaduek, batera. - Eta non, kapitaina? – soldaduetako batek. - Ikusten al duzue aurrean dugun mendixka hartan dagoen baserria? – aurrez aurre zeukaten muinoan, baso artean, ikusten zen baserri ederra eskuaz seinalatuz. - Baiii, kapitaina!!! – soldaduek, kapitainaren proposamenak eroturik. - Bertako tolarean oso sagardo ona egiten omen dute. Bertako gizona gudaria zen eta, herrira sartzean, preso hartu eta fusilatu genuen. Orain bertan alarguntsa eta bi seme txiki bizi dira bakarrik. Atsegin handiz gonbidatuko gaituzte! Kar-kar-kar…! Esan eta egin. Soldadu arrotzak, Rodrigalvarez kapitaina buru zutela, aipatutako baserrira bertaratu ziren eta, atea indar handiz bota ondoren, barrura sartu. Barruan alarguntsa eta sei eta lau urteko bi haurrak zeuden. Muttikoak amaren gonetan babesten ziren. - Zer nahi duzue? – alarguntsak ahots urratuaz. - Eraman gaitzazu upeletara, atso zikina. Gure mutilek zure sagardoa dastatzeko irrikatan daude-eta. – kapitainak, mespretxu handiz. Emakumeak, txintik esan gabe, beheko solairu hezera gidatu zituen urde odolzale haiek. - Hemen duzue gure sagardoa! – esan zien gero etxeko bi upelak erakutsiz. Soldaduak, denbora galdu gabe, edalontziak hartu eta upel haiek hustera prestatu ziren. Haatik, kapitaina mesfidantzaz beterik zen. - Geldi denak! – esan zien soldaduei oihu ozen batez– Eta sorgin honek sagardoa pozoitu badigu? – eta izkina batean isilik ziren ama-semeei hurbilduz modu txarrean agindu zien– Dasta ezazue zuek lehendabizi! Emakumeak, erantzun gabe, upeletako batera hurbildu zen, txotxa kendu, eta eskuan zeraman edalontzia sagardo apartsuaz bete zuen. - Edan dezagun aitaren ohorez! – esan zien haurrei. Gero, zurrutada luze batez baso erdia edan zuen, eta gelditzen zena bi muttikoei eskaini zien edan zezaten. Hori ikusita, Rodrigalvarez kapitainak bere gizonei edateko baimena eman zien. - Edan ezazue gogotik, upelak hustu arte! Biba Espainia! Biba gurutzada santua! Eta bere gizonek edaten zuten bitartean, bera logela batera erretiratu zen atseden hartzera. Hurrengo egunean, goiz-goizean, bildu beharra zeukan beste kapitainekin eta gainerako buru militarrekin Eibarreko frontearen aurkako erasoaldia prestatzeko. Horretarako burua garbi behar zuen, eta sagardoa dastatu gabe oheratu zen. Hurrengo egunean, goiz-goizean, esnatu, jantzi eta gosaria eskatzera sukalderantz abiatu zen. Etxe barruan ez zuen inor topatu. Harrituta, upel-ganberara jaitsi zen eta han ikusi zuenak odola hormatu zion. Bere soldadu guztiak han ziren, lurrean etzanda, hilik, ganbera handi haren bazter guztiak euren gorpuez betetzen. Izkina batean, kuzkurturik, eta besarkada batean estekaturik, baserriko hiru ama-semeak zeuden, hauek ere hilik. Kapitaina orroka hasi zen hasieran, negarrez gero, bere gizon guztiak pozoiturik ikustean. Ondoren, etxeko andreari begira, honela esan zuen: - Gerra hau irabazten ari gara Hitlerren eta Mussoliniren laguntzaz. Zer gertatuko da biharko egunean, bi horiek ez daudenean? Herri hau garaiezina da! KONTRABANDISTAREN ARRANGURA XX. mendeko erdialdean, Amunarriz aita-semeak, Hondarribiko beste askoren antzera, kontrabandoan aritzen ziren. Bizimodua ez zen inorentzat erraza garai beltz haietan, eta bizi beharra zegoenez gero, jarduera arriskutsu horretan topatu zituzten familia aurrera ateratzeko horren beharrezkoak ziren sos urriak. Batzuetan, ilargirik gabeko gauetan, txalupaz ibiltzen ziren harat-honat era guztietako elikagaiak edota bestelako mozkinak ekarriz eta eramanez. Bestetan, Irungo edota Berako lurretan, Bidasoa ibaia zeharkatuz ibiltzen ziren. Eltzetxoak edo mendizorriak ere han ibiltzen ziren, alde batetik bestera, kontrabandistak harrapatu nahian, eta aunitzetan haien puskak beraien poltsikorako eskuratu guran. Halakoetan, kontrabandistek aztarna faltsuak uzten zituzten agerian, guardia zibilak beraiek pasatu behar zuten tokietan egon ez zitezen. Batzuetan engainatzen zituzten, bestetan ez. Eta tarteka, eltzetxoak erosten zituzten pasatu beharreko tokietan, halako tenore zehatzetan, ibil ez zitezen. Ikusten duzuen bezala, kontrabandoa ez zen beti lan erraza izaten, eltzetxoak usainean ibiltzen baitziren. Halako gau batean, Fermin eta Lontxo – horrela baitzuten izena Amunarriz aita-semeek– Lastaola aldean zebiltzan. Lapurditik puska handiak zekartzaten, eta ohiturari jarraiki, hasieran bat zetorren Irungo aldera, eta handik ordu laurdenera edo, bestea. Horrela harrapatzekotan, karga guztia galduko ez zutelakoan. Teknika zaharra zen eskualdeko kontrabandisten artean, maiz zerabiltena, baina tamalez, mendizorriek ere teknika hura zezaguten, eta bat harrapatzen zutenean, zelatan egoten ziren gero, bigarrena noiz etorriko zain. Hala eta guztiz ere, teknika hoberik ez zeukatenez gero, kontrabandistek horrela ibiltzeari eusten zioten. Gau hura ilun samarra zen, ilargirik eta izarrik gabea, eta ilunpe handi hartaz baliaturik, amunarriztarrek, bizkar gainean, puska handiak zekartzaten Gipuzkoa aldera. Poliki eta tentuz zebiltzan buruz zezaguzkiten bide-txigorretatik barrena. Itsasbehera zen eta Bidasoa ibaiak ez zuen ur emari handirik, gainera Lastaola pareko ibia igaro-erraza denez, gau hartan egin beharrekoak afera erraza zirudien. Lontxo semea zihoan aurretik, eta bizkarrean ongi estekaturik, puska handia zeraman. Bidasoa ibaiaren ertzera iristean, espartinak kendu, esku batez atxiki, eta oinutsik ibaia zeharkatzeari ekin zion. Berehalaxe, Gipuzkoako aldean zegoen. Puska lurrean pausatu eta espartinak berriro janzten hasi zen. Horretan ari zela, linterna baten argiak bete-betean harrapatu zuen. - ¡Alto a la Guardia civil! (Geldi! Guardia zibila!) – entzun zuen aurrean zuen hariztiren gibeletik zetorren ahots zakar batez. Lontxok ez zuen alde egiteko astirik izan. Bere buruak ere ez zuen denborarik izan balizko ihesaz pentsatzeko. Konturatu zenerako guardia zibilak gainean zituen eta haien fusilez mehatxatzen zuten. - ¿Que trae en eze fardo? (Zer dakarzu puska horretan?) – galde egin zion sarjentua zirudienak. - Etxerako elikagaiak! – erantzun zion Lontxok, gogoaren kontra. - ¿Y que clase de alimentos? (eta zein elikagai mota?) – sarjentuak. - Ezpeletako piperrak, alkatxofak, zainzuriak, txokolatea, olibak… – Lontxok, amorraturik eta gogo txarrez. - ¿Aceitunas, e? Pero que ze cree uzte, que en España no tenemos aceitunas, o qué? ¡Y bien buenas además!. (Baina zer uste duzu, Espainian ez dugula olibarik, ala? Eta aski onak, gainera!) – sarjentuak, arrunt piperturik. Lontxo isilik zegoen, atzetik zetorren aitaz kezkaturik. - Y el que viene por atrás ¿que trae? (Eta atzetik datorrenak zer dakar?) – galdetu zion guardia zibil buruak. Lontxok ez zuen ahoa zabaldu. - ¿No contestas, e? No importa, aquí le esperaremos y pronto sabremos que es lo que trae, ¿aceitunas o relojes? (Ez al duzu erantzun behar? Bost axola, laster harrapatuko dugu eta horrela jakinen dugu zer den dakarrena, olibak ala ordulariak?) Lontxok deus erantzun gabe zerraien, eta honen isiltasunak guardia zibilaren haserrealdia areagotzen zuen. Halako batean… - ¡Jaitsi iezaiozue galtza alu honi eta etzan ezazue ahozpeka harri handi horren gainean! – agindu zien haren menpekoei– Nik erakutsiko diot zein den kontrabandoak merezi duen zigorra. Guardia zibilek haien buruaren agindua txistatu gabe bete zuten, eta Lontxo gerritik behera biluzik, harriaren gainean etzanik eta uzkia airean zuela utzi zuten. Sarjentuak oliba bat hartu eta iputzulotik sartu zion, bertan ziren guardia zibil guztien irribarrea sortaraziz. Gero gauza bera egin zuen bigarren oliba batekin, eta hirugarren batekin, eta baita laugarren batekin ere. Bitartean, Lontxok deus esan gabe jarraitzen zuen. Hamaikagarrena sartu zionean, hasperen luze batez Ai nire aita! bota zuen, eta handik aurrera gauza bera egin zuen sarjentuak ipurtzulotik oliba bat sartzen zion aldiro. Azkenean, sarjentuak, Lontxoren hitzen zergatia ezin ulertuz, galde egin zion: - Zergatik gogoratzen zara zure aitaz ipurtzulotik oliba bat sartzen dizudan bakoitzean? Eta Lontxok erantzun: - Atzetik datorren nire aitak meloiak dakartzalako. KUBAKO EUSKALDUNAK Kuba, bai polita Kuba eta kubatarrak politagoak. Ama, joan nahi dut Kuba aldera kantatzera. Ama, joan nahi dut Kuba aldera dantzatzera. Hegazkinak lur hartu zuen Habanako aireportuan. Panpik beso-zangoak luzatu eta bidaiarien ilaran jarrita, hegazkinetik ateratzeko prestatu zen. Berekin batera bortz neska-mutil gehiago eta irakasle bat, Mixel Indaburu, zihoazen, denak Donibane Lohizune eta inguruko herrietako ikasleak ziren. Panpi Ziburukoa zen . Lizeoan ikasitako espainiera praktikatzera zihoazen. Beraien eskolak elkar-trukatze bat sinatua zuen Habanako eskola batekin eta urtero bortz edo sei ikasle inguru trukatzen zituzten hilabetez. Lehen hilean euskaldun gazteak Kubara joaten ziren eta bigarrenean hango neska-mutilak Lapurdira etortzen ziren euren frantsesa zorroztera. Jarduera ongi burutzeko asmoz, irakasle bana eramaten zuten zaintze lanak egiteko. Hilabete osoan zehar Habanako eskolara joan beharra klaseak ematera eta lo hango ikasleen familietan banaturik. Arratsaldeko zazpiak ziren eta eguzkiak goiza balitz bezala berotzen zuen. Aireportuko kanpo aldean mikrobus zaharkitu bat zeukaten zain. Bertan, gidariarekin batera, Habanako eskolako irakasle bat zen. Gizonezkoa zen, buru zuria, eta berrogeita bortz urte ingurukoa. On Mixel Indaburu agurtu zuen espainiera kantari batez, eta gure puskak mikrobuseko maleta-ontzira sartu ondoren, gora igotzeko gonbita egin zigun. - Mañanita a las ocho teneis que estar en la escuela. (Bihar, goizeko zortzietan eskolan egon beharra daukazue) – erran zigun neska-mutil taldekooi– Ahorita os iremos dejando uno a uno en las casas en las que vais a convivir durante este més. (Oraintxe utziko zaituztegu hilabeta igaro behar duzuen etxeetan) Espero que lo paseis bien y os arregleis con los chiquitos de esas casas. Ahorita os diré con quien teneis que convivir. (Uste dut ongi pasatuko duzuela eta ongi konponduko zaretela etxe hauetako gaztetxoekin. Oraintxe erranen dizuet dagokizuen lagunaren izena) Eta besterik erran gabe, zerrenda pasatzen hasi zitzaien. - Joseph Elizalde en la casa de Alejandro Martinez. (Joseph Elizalde Alejandro Martinezen etxean. Mikel Etxeberri en la casa de José Bruno Gonzalez. (Mikel Etxeberri José Bruno Gonzalezen etxean), Xan Mendiburu en la casa de Dieguito Garrindo. (Xan Mendiburu Dieguito Garrindoren etxean), Maia Haramendi en la casa de Gabriela Saez (Maia Haramendi Gabriela Saezen etxean), Elorri Etxebarne en la casa de Marita Lopez (Elorri Etxebarne Marita Lopezen etxean) y Panpi Goñi en la de Juan Echeto. (Eta Panpi Goñi Juan Etxetorenean). Berehalaxe hasi ziren ikasleak etxeetan uzten. - Esta es la casa de Dieguito Garrindo. Que el alumno correspondiente saque su petate del maletero y adentro. (Hauxe da Dieguito Garrindoren etxean. Hemen bizi behar duen ikasleak bere puska har dezala eta barrura) - Ahorita estamos en la casa de José Bruno Gonzalez . (Oraintxe gaude José Brunoren etxean) Eta berehala iritsi zen Panpiren txanda. - Estamos en la casa de Juan Echeto. (Juan Echetoren etxean gaude) Panpik mikrobusean oraindik gelditzen zirenez bihar arte! batez agurtu zen eta ondoren, bere poltsa harturik, agindutako etxera abiatu zen. Atean zeuden bere zain berrogeita bortz urte inguruko senar-emazteak eta bortz seme-alabak. Lau mutiko eta neska bakarra. Zaharrena alaba zen, Yolanda, hogei urtekoa, eta gero hiru mutilak. Juanek hemezortzi urte zituen, Pedro Pablok hamasei eta Carlos tipiak hamahiru. Panpiri biziki gisakoak iruditu zitzaizkion. Besarkada handiez agurtu zuten denek. Panpik, bere gaztelania akademikoaz, nekez ulertzen zien. Barrura sartu zuten. Etxea estai bakarrekoa zen, umila baina arras polita. Barruko altzariak eskasak eta zaharkituak. Sukaldera eraman zuten. Mahaia afaltzeko prest zeukaten. Denak eseri ziren. - Deja el petate ahí. Luego los chiquitos te llevarán a la habitación que compartirás con ellos. Ahorita vamos a cenar. Seguro que el viaje ha sido largo y estarán con hambre. (Utzi puskak hor. Gero mutilek beraiekin konpartituko duzun lo-ganberara eramanen zaituzte. Orain afaldu eginen dugu. Egin duzun bidaia luze samarra da eta jadanik gosean egonen zara) Mahaiburu aita, eskuinean ama, ezkerrean, gonbidatuen lekuan, Panpi eta gainerakoak aldameneko tokietan. Amal eltze handi bat ipini zuen mahai erdian eta burruntzali zahar batez banan-banan denak zerbitzatu zituen. Afari osoan zehar hitz eta pitza aritu ziren denak. Alaiak eta jatorrak ziren. Sukaldea pobre baina abegikorra iruditu zitzaion Panpiri. Sua garai bateko ekonomikoa edo txapa zuten. Aspaldian horrelakorik ikusi gabe zegoen Panpi. Armairuak zurezkoak, kolorea erdi joana zeukatenak. Armairu zahar horietako batean bazen zizelaturiko irudi bat Panpiren arreta bereganatu zuena. Euskal Herriaren Zazpiak bat izeneko armarria zen. - Nork egin zuen hori? – galde egin zien Panpik familiakoei eskuaz armarria seinalatzen ziela. - Gure aitatxik – aitak erantzun– Europatik etorria zen eta hango konturen bat da. - Europatik erraten duzu, baina nondik? Armarri hau euskaldunon armarria da, gure armarria. Eta horrek erran nahi du, ziur aski zuen aitona euskalduna zela. - Hara! Ba egia erran behar badizut, ez dakit. Inoiz ez dugu gauza horietaz hitz egin. – aitak, harrituta. - Eta gainera – Pnapik, mikrobuseko irakasleari entzundako deitura gogoan zuela– ez al zarete Etxeto abizenez? - Bai! – berretsi zuten denek. - Ba, deitura hori euskalduna da. - Ene! Eta guk jakin ez! – aitak, irribarre bat loratzen ari zitzaiola. – – – – – – – – – – - Hilabetea berehala pasatu zitzaion Panpiri. Bere gaztelania izugarri zorroztu zuen eta jadanik ongitxo hitz egiten zuen. Etxetotarrak umilak bezain gisakoak ziren. Ordurako semetzat hartua zeukaten. Eta Panpiri Euskal Herrira itzultzeko tenorea iritsi zitzaionean, negar malkotan agurtu zuten. Baina Panpi eta gainerako lagunak ez ziren bakarrik itzuli, beraiekin batera hango neska-mutilak baitzekartzaten frantsesa hobetu zezaten. Hilabete pasatu beharra zeukaten Lapurdiko beraien etxeetan. Panpirekin Juan Echeto zetorren. Juan bere arbasoen lurra ezagutzean txundituta gelditu zen. Ama-lurraren deia barne-barnean sentitu zuen. Panpiren etxean euskaraz egiten zuten arren, Juan aurrean zegoelarik frantsesez egiten ahalegindu ziren. Juan berehala konturatu zen eta… - Mesedez, eskaera bat egin nahi dizuet. Panpiri esker euskal odolekoa naizela jakin dut eta euskara ikasteko asmotan nabil. Zuek, zuen artean eta baita nirekin ere, beti euskaraz egin. Lizeoan frantsesez ikasiko dut, baina zuekin euskaraz nahi dut ikasi. – erran zien. Eta horrela igaro zen hilabetea. Ordura arte Juan izan zena Xan bihurtu zen, Lapurdiko usadioari jarraiki, eta Kubara itzuli zenerako frantsesez trebatua eta euskaraz bere lehen pausoak emanda zegoen. Maletan goñitarrek oparitutako euskal gramatika eta hiztegiak zeramatzan. Gaur, bortz urte beranduago, Xan Etxetok euskara irakasten du Habanako Euskal Etxean, eta Panpiri idatzitako azken gutunean ziotsuenez, baimen berezia eskatu berria zion Kubako Gobernuari Euskal Herrira, euskal filologia egitera, etorri ahal izateko. AITATXIREN ZERRIAK Kottetto Ezkurra Elizondon bizi zen arren, haren gurasoa keta aurreko guztiak arizkundarrak ziren. Elizondoko etxean aita-ama zaharrekin bizi zen eta berea zuen burdindegi batean egiten zuen lan. Gurasoek zabaldu zuten Arizkunetik Elizondora bizitzera aldatu zirenean, eta duela bospasei urte arte beraiek gobernatu zuten. Orain jubilatuak zeuden eta familiaren negozioa Kottetto semeak zuzentzen zuen, gainerako seme-alabak ezkonduta eta bestelako lanetan aritzen baitziren. Gau hartan, Kottetto etxera erretiratu zenean, amak, egunero bezala, afari goxoa paratua zuen hirurentzat. - Zer moduz burdindegian? – amak, afaria zerbitzatzen ari zela. - Ez doa gaizki. – Kottettok– Gaurkoak ez dira zuenak bezain garai oparoak, baina tira, ez naiz kexatzen. - Kottetto! – aitak, gaia zeharo aldatuz– Gaur, herriko azienda ferian nenbilela, Pruden lehengusuarekin topatu nauk eta aitatxi Xatur, hau duk, nire aita, biziki eri dela erran zidak. Burua arras galdua omen dik, eta ez duk ongi moldatzen baserriko azienda gobernatzeko. - Hara, aitatxi gaixoa! – Kottettok, hagitz penaturik– Burua nahasi al zaio? - Bai, horrela zirudik. Kottetto, bihar igandea izanen dela probestuz, Arizkunera joanen al hintzateke, aitatxi nola den ikusterat? - Bai aita, nola ez. Bihar, goiz-goizean, gure auto zaharra hartu eta aitatxiren baserrira joanen naiz nola den ikusterat. Hurrengo goiza argitzean, bezperan erran bezala egin zuen. Garajean, aspaldian mugitu gabe zeukan auto zaharra piztu eta Arizkun alderako bideari lotu zitzaion. Handik hiru ordu laurdenetara aitatxiren baserrira iritsi zen. Han ez zen inor ikusten, azienda izan ezik. Behiak larrean ziren eta zerriak han-hemenka, libre zebiltzan. Autoa aitzineko zabaldian aparkatu eta zabalik zen atetik barrura sartu zen. Zuzen-zuzenean aitatxiren gelara abiatu zen. Etxeko bazter guztietan zerrien gorotzak ikus eta entzun zitezkeen. Gelako atean zerrama pottolo batek sartzea eragozten zion. Gelara sartu ahal izateko zerrama pottolo hura bultzatu behar izan zuen. Gela barruan, kirats ustela zen nagusi, eta ohatzean etzanda aitatxi zegoen, indarge, pattal, zurbil-zurbila. Kottetto, harengana hurbildu eta… - Egun on aitatxi! Zer moduz? - Ongi, ongi, eta hi? – biloba ezaguturik. - Eri zaude aitatxi. Zer gertatu zaizu? - Ez zekiat mutil, azken bolara honetan pattal samar nabilek, ohatzetik jaikitzeko aski lan. - Eta zerriak? Zer dabiltza hemen, etxe barruan? - Zerriak ere Jainkoaren umeak dituk, eta kortara eramateko gauza ez naizenez gero, atea zabalik uzten zieat, gauean edo, hemen aterpe daitezen. Beraiek horrela pozik dituk, baita ni ere haiek ongi ikusita. Pentsa ezak, gauean, ohatze azpian sartu eta bertan egiten ditek lo. - Baina aitatxi, – bilobak, asaldaturik– zer erraten duzu? Zure ohatze azpian egiten dutela lo? Baina…. eta kiratsa? - Kiratsa! Nire puzkarrengatik erraten al duk? Bada, izorra daitezela! Ez zeudek hotel batean! GOSEA MARGOGAI Gipuzkoako kostaldeko herri hartan, urtero margo lehiaketa entzutetsua antolatzen zuten, eta zazpi Euskal Herrietako margolaririk famatuenek euren koadroak aurkezten zituzten bertan. Lehiaketa biziberritzeko urtero gai berezi bat jartzen zuten margogai: egia, justizia, elkartasuna, bakea, irudimena, barkazioa,… Urte hartako gaia gosea zen. Urte orotan bezala, Euskal Herriko margolari onenen euren koadroak aurkeztu zituzten. Hirugarren Munduko irudi lazgarriak ziren aurkeztutako koadro haietan nagusi: gorputz mehar- meharrak, hezur eta azal, besterik ez ziren lagunak, goseak zigortutako aurpegi tristeak,… Bazen bat biziki ederra eta adierazgarria, Afrikako eskualde hits bateko ume goseti gaixoak, euren sufrimendu osoan, islatzen zituena. Arte-kritikarien ustetan, huraxe zen lehiaketa hura irabazteko aukerarik handiena zuena. Koadroak aurkezteko epea ekainaren 15ean bukatzen zen eta San Joanetan, hau da, herriko festetan, alkateak propio egindako ekitaldi ofizial batean irabazleak nor ziren argitu beharra zeukan, baita diru-sariak banatu ere. Dena den, urte hartan bazirudien aski garbi zegoela nor izango zen irabaztun, lehen aipaturiko Afrikako haur gosetiak krudeltasun osoz islatzen zituen koadroaren egilea, alegia. Eta iritsi zen eguna. Udaletxeko atezaina atea ixteko ahaleginetan ari zen. Halako batean, auto zatar bat herriko plazara sartu zen eta udaletxe aurrean gelditu. Bere barnetik gizon bibotedun bat atera zen. Beso azpian egunkari-paperez babesturiko koadroa zeraman. Udaletxeko atea giltzatzen ari zen atezainarengana hurbildu eta… - Arratsalde on! Baztanetik nator eta lehiaketa hau irabazi behar duen koadroa dakart. – bibotea atzamarrez ongi jarriz. - Berandu xamar! Jadanik, aurkezteko epea amaitu da! – atezainak, giltza sarrailan sarturik zuela. - Ez jauna, minutu bat falta da! – esan zion margolari baztandarrak udaletxeko goialdean kokaturik zegoen erloju handia eskuaz seinalatuz. Atezainak aipaturiko erlojura begiratu eta pintore hark arrazoia zuela ikustean, marmarrez eta gogoaren kontra, udaletxeko atea zabaldu zuen berriro. - Ondo da, ondo da! Sartu! – esan zion umore txarrez. Biak barrura sartu ziren, eta atezainak koadroak biltzen ari ziren aretoraino eraman zuen margolari mustatxaduna. - Uztazu hor, beste koadro horien ondoan! – esan zion– Agindutako datuak ekarri al dituzu? – jarraitu zuen. - Bai, dena koadroarekin batera doan gutun-azalaren barruan dago. – margolariak, pozaren pozez. - Ondo da, ondo da! – atezainak, bere lana bukatu nahian. Margolariak koadroa agindutako tokian laga eta plazara ateraz, atezaina agurtu zuen. - Mila esker aunitz! Jakin ezazu koadro hau izanen dela lehiaketako irabazlea. Agur! - Agur bai, agur! – atezainak. Margolaria autora sartu, motorra piztu eta plazatik desagertu zenean probestu zuen atezainak koadro hura begiztatzeko. Papera kendu eta, ikusi zuenak barre ozen zoroa eragin zion. Kar, kar, kar! Kar, kar, kar! Ero guztiak ez daude Santa Agedan! – pentsatu zuen bere baitarako. Ekainaren 24an, hau da, San Joan egunean, udaletxeko areto nagusia jendez mukuru zen. Bertan ziren alkatea eta gainerako zinegotziak, koadroa aurkeztua zuten pintoreak eta herritar franko. Zurrunbilo hartan, aurrez aurre topo egin zuten margolari baztandarrak eta atezainak. Pintoreak begi keinu batez agurtu zuen eta atezainak burua goitik behera mugituz erantzun. Alkatea, kultura zinegotzia eta lehiaketako epaileak udal-batzari dagozkion besaulki dotoreetan eseri ziren, gainerako guztiak, berriz, zurezko jarleku luzeetan. Berehalaxe alkateak hartu zuen hitza. - Herritarrok, lehiaketara zuen koadroak aurkeztu dituzuen margolari estimatuok, arratsalde on! Aurtengoa da herri honetan burutzen dugun XVI. margo lehiaketa eta esan beharra daukat urtetik urtera aurkezten diren margolanen maila gero eta handiagoa dela. Jadanik, lehiaketa honek badu ongi merezitako sona. Eta nire hitz hauei nolabaiteko indarra emateko, hemen ditugu, udal areto honetako paretetan zintzilik, aurten aurkeztu dituzten hirurogeita hamabost koadro paregabeak. Epaileek esan didatenez, beraien artean badira oso margolan onak direnak, baina hala eta guztiz ere, badago bat punta-puntakoa dena,, aurtengo gaia, hau da, gosea ezin hobeto islatzen duena. Horra hor, paretaren erdi-erdian, hirurogeita hamabost zenbakiarekin eskegitako koadroa baita. Udal areto hura betetzen zuten lagun guztien buruek alkateak aipatutako koadro aldera begiratu zuten. Mihise osoa hartzen zuen giza ipurdi handi bat ikus zitekeen, amaraunez jositako ipurdi zuri leun bat. Huraxe zen irabazlea. Alkatea oraindino margolari txapeldunaren izen-deiturak esan gabe bazegoen ere, publikoaren artean eserita zegoen atezainak garbi zeukan norena zen mihise xelebre hura, ekainaren 15ean, hau da, koadroak hartzeko azken egun hartan, barre ozen zoroa eragin zion berbera. AMA-ALABAK MEDIKUENEAN Hardoki ama-alabak ez daude bat ere ongi. Eztulka ari dira maiz, mukiak noiznahi, eta burko min galantarekin dabiltza azken bolada honetan. Gripeak harrapatu ditu bete-betean, baina a zer nolako gripea! Ama etxeak garbitzen aritzen da eta alaba andereño da Baionako ikastolan. Biak eri dira Senpereko euren etxean, kalera ezin ateraz. Astebete daramate horrela, eta jadanik aspertzen hasita daude. Telebista aitzinean oren aspertuak ematen dituzte. - Ama, entzun duzia gripe horrena? - Bai Maitena, ikaragarria dun, Mexikon hasi eta dagoeneko Txinaraino iritsita zagon. - Txinaraino? Baita Euskal herriraino ere! - Euskal Herrira jina dun? - Bai ama, Bizkaian kasu zenbait harrapatu dute Iruñean bat edo bertze, eta Hendaian familia oso bat egon duzu eri, etxean hertsirik , kalera ezin ateraz, gure modura. - Hendaian erran al dun? Baina hori Senperetik biziki gertu dun! - Bai, hementxe bertan ama. - Eneee! Eta gu hemen kontu hori dena jakin gabe. Hau beldurra! - Zuk ez zenuen jakinen. Baionan eta baita senperen ere, jendea horretaz mintzatzen da maiz. A gripea deitzen diote. - Ez dun harritzekoa nik horretaz deus entzun ez izana, azken astea lau horma zahar hauen artean eman baitinat. – sakelatik zapi zuri zimurtua atera eta sudur zuloetara hurbilduz zintz luzea egiten du– Hau gripea harrapatu duguna! - Harrapatu duguna edo harrapatu gaituena! – alabak. - Ez zakinat neska, ni horrelako aferetan ez naun sartzen. Gauza dun izugarri eri garela. – amak, nahigabeturik. Bat-batean… - Ene, Sokorriko Ama Birjina! – amak, garrasika– Maitena, gure gripea ez dun hik aipatu dunan gripe gaizto famatu hori izanen, ezta? - Ainitzetan pentsatu dut horretaz amaz. Ez dakit zer erran. Burutazio txarra burutik aldentzen ahalegindu naiz maiz, baina zalantza hortxe daukat. - Eneee! Jesukristo saindua! Hiltzen ari gaitun bat ere konturatu gabe. – amak, biziki ikaraturik. - Baina, zer erraiten duzu ama? Hiltzen egonen bagina ez ginateke hemen, egongelan eserita, kafea hartzen eta telebistari begira egonen. – alabak, haserre antzera. - Duela bi aste Donibane Lohizuneko kafetegi batean izan nintzen nire lagunekin eta han zen Margaitta Etxeberri, aspaldiko laguna. - Bai, eta zer? - Hendaiara ezkondu zunan aspaldian, eta han bizi dun bere familiarekin. Eta okerrena, erdi eri zunan, eztulka eta mukiekin goitti eta beheitti. Handik hiru egunetara hasi nindunan ni ere eztulka, eta hi egun zenbait berantago. Hau dun hau! Maitena, gripe gaizto horrek harrapatu gaitin. Argi zagon! - Ama, ez larritu! Eri gara, gripeak jota, pattal xamar, baina horrek ez du erran nahi gripe hori dugunik. – alabak, ama sosegatu nahian. - Ai ama, ai ama! Hiltzen ari gaitun! – amak, burua arras galduta. - Ama, otoi! Ez ezazu pitokeriarik erran. Barregura eta guzti emaiten didazu. - Ba, barre guttiago eta kontu gehiago! On Iridoi medikuari deitu beharko zionagu, gripe hau ez dinagu aspirinekin eta kafesneekin sendatuko. - Ontsa da ama, ontsa da! On Iridoiri deituko diot eta hitzordua galdatuko. - Lehenbailehen neska! Mugi hadi eta dei egin iezaion berant baino lehen. - Ontsa da ama, ontsa da. Oraintxe deituko diot. – telefonoa hartuz. - Erraion gripe hori harrapatu dugula, urgentzietara anbulantziaz eraman gaitzaten. – amak, bere baitatik aterea. - Ixo ama, ixo! Aski duzu pitokeria horiekin! – alabak, erabat haserre. Maitenak On Iridoi medikuaren kontsultara deitu du eta telefonoa hartu duen erizainarekin hitz egin. Telefonoa uztean, amak, desesperaturik, galdetu dio: - Bon, zer erran din medikuak? Anbulantzia bidaliko al dute gure xerka? - Ama, lasaitu zaitez. Ez dut sendagilearekin hitz egin, harreran aritzen den erizainarekin baizik. Arratsalderako eman dit hitzordua. - Arratsaldean erran duzu? Baina ordurako hilik izanen gaitun, neska. - Ama, isilik egon zaitez! Ez gara hilen, oraingoan bederen. Bazkal dezagun fite eta presta gaitezen medikuenera joateko, hiruretarako eman baitigu hitzordua. - Medikuenera joan? Baina ez al gaituzte anbulantzian eramanen? - Ama, gripe batengatik ez gaituzte anbulantzian eramanen. Lasaitu zaitez! Egon pixka batean telebista aitzinean bazkaria prestatzen dudan bitartean. – – – – – – – – – -- Bazkaldu ondoren, ama-alabak medikuenera joan dira. Hiruretako haren kontsultan dira. Medikuak puntu-puntuan hartu ditu. - Arratsalde on Iridoi jauna! – ama-alabek. – Gauza bera! – -erantzun die medikuak eserita dagoen bulegoko mahaitik – Zer duzue hona etortzeko? Erran. Entzuten dizuet. - Ai On Iridoi – amak– Uste dut gripe gaizto horrek bete-betean harrapatu gaituela. Astebete daramagu lanera ezin joanez eta ez dugu hobekuntzarik sumatzen. Sendatzeko modurik ikusten al duzu? - Hardoi anderea, zaude lasai! Orain begiratuko zaitut. – medikuak andrea sosegatu nahian– Ea, ireki ezazu ahoa eta atera mihia. Sendagileak esku batez eta linternatxo baten laguntzaz eztarri bidea argitu dio eta beste eskuaz plastikozko barratxo moduko bat sartu dio eztarritik. Bizpahiru minutuz aztertu ondoren honela erran dio emakume izutuari: - Lasai Hardoi anderea, honetatik ez zara hilen. Gripe handia duzu, bai, baina gripe arrunta. Nik emanen dizkizudan pilula hauekin pasatuko zaizu. Eta gero, Maitenaren edertasunari erreparatuta, andre gazteari galdetzen dio: - Eta zuk, zer daukazu? - Deus ere ez, sendagile jauna, amaren kontu berberak. – alabak. - Ez pentsa Maitena, gripe guztiak ezberdinak dira. Ongi begiratu beharko zaitut A gripea ez daukazula ziurtatzeko. Ala, biluztu zaitez osoki eta etzan zaitez gora begira ohe horretan, berehalaxe artatutko zaitut eta. PAPAGAI BERRITSUA Bizkaiko ezkerraldeko herri batean kokatzen dugu oraingo istorio hau. XX. mendearen hasieran, aipaturiko herri horretan bazen putetxe handi bat, zenbait hamarkadetan zabalik egon zena. Baina gobernuak ateratako lege berriak putetxea ixtera eraman zuten. Eta horrela, egun batetik bestera, horren ongi zebilen negozioa bertan behera laga behar izan zuten. Bertan aritzen ziren emakumeek lur emankorragotara jo zuten eta eraikina, herrian ederrenetakoa zen eraikina, salgai jarri zuten. Herrian bazen ospe handiko medikua, Benantzio Larrañaga izena zuena, eta garai hartan sos asko poltsikoratzen ari zena. Haren emazteak beraien maila sozialarekin bat zetorren habia berrian nahi zuenez gero, eraikin hura eros zezan bultzatu zuen senarra. Eta hori dela eta, egun gutxiren bueltan, eraikin hura erosi eta bertara bizitzera joan ziren. -emazteak eta hiru alaba gazteak etxe berrira lehen aldiz sartu ziren egunean ustekabe galanta hartu zuten. Sarrera ondoko gela zabal batean, eta dirudienez han ahaztuta, kaiola handi bat topatu zuten eta barruan bazen kolore ugari eta ederretako loro edo papagai handi bat. Lasai ederrean ari zen, gelditzen zitzaizkion azken haziak abilezia handiz jaten. Emaztea, harriturik, papagaiari hurbildu zitzaion eta momentu horretan hegaztia mugitzen eta soinuak egiten hasi zen: - Tturru, tturru, tturru! – emazte harrituari begira– Tturru, tturru, tturru! Hau berria da! Madame berria! Kaixo madame berri hori! - Kar, kar, kar! Kar, kar, kar!!! – hiru alabak batera, barrea ezin kontuz. Pixkanaka-pixkanaka hiru neska gazteak beraien barre zoroak sortarazi zituen papagai koloreanizdunarengana hurbildu ziren, eta orduan hegaztia haiei kalakan hasi zitzaien: - Tturru, tturru, tturru! Hauek berriak dira! Urdanga berriak! Kaixo urdanga berri horiek! Loro lotsagabearen hitzak entzutean, hiru neskek barre egiteari utzi zioten. - Loro zikina! – emazteak, sutan– Ni madame eta nire alabak urdangak! Baina zer uste duk hik! Lumatuko haut, loro zikina! Momentu horretan senarra sartu zen, eta emakumearen oihuek asaldaturik, emaztea eta alabak zeuden tokirantz hurbildu zen. Papagaiak etorri berria ikustean, berri ere, betiko kalaka xelebreari ekin zion: - Tturru, tturru, tturru! Ha ez da berria! Hau ez da berria! Kaixo Benantzio! PATZIKUREN TAKETA Patziku hendaiarra mutil ederra zen. hamazazpi urte bete berriak zituen eta lizeoan ikasten zebilen. Kirolak izugarri maite zituen. Hori dela eta, pilotan eta errugbian zebilen. Aurpegiz ederra, gorputzez ongi egina eta izatez alegera eta gisakoa. Zer gehiago eska ziezaiokeen. Hori dela eta, Hendaiako eta inguruko herrietako neska ainitz gibeletik zebilzkion. Dena ongi orekatua eta proportzionatua bazuen ere, bazuen gorputz atal bat ikaragarri handia zuena, bere zakila. Hondartzara joaten zenean, hor ibiltzen zen taketa bainu-jantzian disimulatu nahian, baina ezinezkoa zitzaion eta aski lan ukaiten zuen askotan galtzontziloaren edota bainu-jantziaren barruan osorik sartzeko. Taketaren neurri ikaragarri handia zela eta, denek Patziku Taketa deitzen zioten, baina Patzikuri bost axola. Ez zuen inolako konplexurik eta lasai ederrean ibiltzen zen hanka tartean zeraman fardeltxoari jaramon handirik egin gabe. Hori bai, aunitzetan, nesken eskuak toki horretatik aldentzen ibili beharra zeukan, deigarria baitzen oso. Behin Ondarraitz hondartzan zebilela neska-mutil lagunekin, olatu handi horietako batek bainu-jantzia kendu zion. Patziku, konturatu ez, eta lasaitasun osoz atera zen uretatik. Berehala konturatu zen hondartzan zeuden guztien begiak bere hanka-tartekora begira zeudela. Horrelakoa ohikoa zuen arren, hura gehiegizkoa zela iruditu zitzaion. Jendea, inolako lotsarik gabe, inguruan pilatzen zitzaion bere instrumentua, behin eta berriro, seinalatuz. Orduan jakin zuen arrazoia. Bainu-jantzirik gabe zegoen. Ezin zuen pauso bakar bat ere eman, zaharrak, gazteak eta umeak inguruan begira baitzituen. Umeetako batek ozenki erran zuen: - Hori pastenarre puska! Egoera gero eta zailagoa zen, gero eta kalapitatsuagoa, eta lagunak eta xukadera zeuden tokia oraindik urrun samar. Zerbait egin beharra zeukan. Azkenean, gelditu zen eta begiak zabal-zabalik bere taketari begira ari zirenei horrela erran zien: - Baina zendako begiratzen didazue horrela? Zuei, uretan sartzen zaretenean, ez al zaizue ttipittzen? HIRU KASKAGORRIENA Praxkuk hiru seme-alaba zituen, bi mutiko eta neskatila bakarra. Hiruak kaskagorriak ziren. Praxku oso gizon elizkoia zen, elizkoia eta santujalea, egunero mezetara joaten zen horietakoa. Dena zen bekatu berarentzat, batez ere, sexuarekin loturiko guztia. Gizon estua zen. Mingain gaiztoek kontatzen dutenez ezkondu zen ezkontza eliza katolikoaren barruan sakramentutzat jotzen dutelako. Anjelita emaztea ere kristau sutsua zen eta egunero, bazkalostean, senarrarekin eta seme-alabekin batera arrosario santua errezatzen zuen. Seme-alabak ekartzeko orduan ez zuten inoiz inolako oztoporik jarri. Jaungoikoak ekartzen dizkigunak – zioten biek. Hala eta guztiz ere, Praxkuk bazuen kezka bat barruraino sartuta, hiru seme-alabak kaskagorriak ziren. Hori ez zen inolako kezka-biderik izan behar, baina ez bere familian eta ez Anjelitarenean horrelakorik ez zegoenez gero, Praxkuren kezka ulergarria egin dakiguke. Inoiz ez zuten horretaz hitz egiten, Praxkuk ez baitzuen Anjelita sumindu nahi, baina kezkak hor segitzen zuen, eta askotan, horren inguruko gogoeta burura etortzen zitzaionean, kosk egiten zion bihotzaren barrunbetan. Egun horietako batean, Praxkuk eta Anjelitak horretaz hitz egin zuten eta biei bitxia egiten zitzaienez gero, ginekologo batengana joatea erabaki zuten. ADN-ren proba bat eskatu zioten. Ginekologoaren kontsultara joateko eguna iritsi eta bertara hurbildu ziren senar-emazteak. - Arratsalde on! Sartu mesedez, sartu…! – ginekologoak kanpo aldean eserita itxaroten ari ziren senar-emazteei. - Baita zuri ere, jauna! – Praxkuk eta Anjelitak kontsulta-gelara sartuz. - Eseri, eseri mesedez! – Ginekologoak bere mahai aurreko aulkiak seinalatuz. Azaldutako tokietan eseri ondoren, Praxku azalpenak ematen hasi zitzaion. - Sendagile jauna, emaztea eta biok etorri gatzaizkizu gure familian aspaldian gertatu den misterioa argi diezaguzun. - Hara, orain ez didazu Lourdeskoa kontatuko, ezta? – medikuak, txantxetan. - Ez jauna, horrelakorik ez. – Praxkuk– Bestelako misterioa duzu. - Barkatu gizona, txantxa zen. – sendagileak– Segi, segi kontatzen, mesedez. - Anjelita eta biok duela hamazazpi urte ezkondu ginen eta Jaungoikoak hiru seme-alaba, hiruak osasuntsu eta kristau onak, eman dizkigu. - Hara! – sendagileak– Eta? - Hiruak kaskagorriak dira. Hori ez litzateke arazorik izango gure familietan horrelako gehiago izango balira, baina ez nire familian eta ez Anjelitarenean ez dira inoiz horrelakorik izan. Eta… - Eta nahi duzu ADN proba bat egin jakiteko Anjelitak adarrak jarri dizkizun ala ez. Ez da hala? – medikuak, irribarrez. - Ez, ez, ez! Beno bai. – Praxkuk, zer esan ez zekiela– Nik ez dut inoiz zalantza izpirik izan nire emaztearen fideltasunaz… baina misterioa behin betiko argitu dezagun, horrelako proba bat eskatzera etorri gatzaizkizu. - Ongi da, ongi da. – medikuak– Zuen eskubidean zaudete. Dena den, jakin behar duzue proba horiek garestiak direla eta seguritate sozialak ez dituela bere gain hartzen. - Bai, bagenekien jauna. – senar-emazteek biek batera. - Proba hori burutu baino lehenago galdeketa bat egingo dizuet, datu gehiago eduki ditzagun. – medikuak. Eta medikuak horrelako kasuetan ohikoa den galdeketari hasiera eman zion: izen-deiturak, adina… eta horrelakoak. Gero gauza sakonagoetara igaro zen. - Zenbat aldiz egiten duzue astean? - Gutxi, jauna. – Praxkuk. Joanitak ordurako ez zuen txintik ere erantzuten, lotsaren lotsaz, Ezpeletako piperrak baino gorriago baitzegoen. - Gutxi diozu? – sendagileak– Baina zenbat? Zehaztu zure erantzuna, mesedez. Joanitak, arrunt eskandalizaturik, aitarena egin zuen. - Gutxi. – Praxkuk, arras lotsaturik. - Baina zenbat da gutxi, gizona? – medikuak, bezeroen estutasunez asperturik. Astean bitan? - Ez jauna, gutxiago. – Praxkuk. - Behin? – medikuak. - Hori da jauna, behin, baina urtean behin, Garizumarekin ongi bete ondoren. – Praxkuk. Medikuak ezin zuen sinistu Praxku esaten ari zitzaiona, baina azkenean, egia zela ulertu zuenean, horrela esan zien senar-emazte koitaduei: - Orduan zuen seme-alabena ez da adar kontua, herdoila da! TABERNARI ETORKINA Egun gero eta zailagoa egiten ari zaigu kamarero euskaldunik topatzea. Edozein tabernatan sartu, euskaraz eskatu eta ohiko bilakatzen ari zaigun erantzuna entzun beharra daukagu: - Perdone, pero soy argentino. Estoy aprendiendo el vasco. Es muy lindo, ¡pero es tan difísil! ¿Que quereis vos? (Barka ezazu, baina argentinarra naiz. Euskara ikasten ari naiz. Oso hizkuntza ederra da, baina izugarri zaila. Zer nahi duzu?) Penaz, amorruz, etsipenaz… baina aurrean daukagunaren egoera ulertuz, azkenean erdaraz eskatu behar. Horren errua ez da bizimodua bilatzen ari diren zerbitzari etorkinena, lau sosen truke, langile merke-merkeak xerkatzen dituzten tabernetako nagusiena baizik. Dena den, erdal giro berri horrek dakarren bezeroen galera ikusita, badaude kamarero euskaldunak bilatzeari ekiten diotenak. Horietako bat dugu Juantxo Idiakez, Donostiako Alde Zaharreko taberna bateko nagusia. Euskal giroa maite du eta doazkion bezeroak ere giro horren bila doaz. Hori dela eta, behar-beharrezkoak ditu kamarero euskaldunak. Zorigaitzez, Iñaxio jubilatu berri zaio eta orain hor dabil zerbitzari euskaldun bat bilatzen. Horretarako iragarki bat jarri du zenbait egunkaritan. Gaur mutil batekin hitzordua finkatu du. Telefonoz dei egin zion eta gaur elkarrizketa dauka berarekin. Egia esan, ez du esperantza handirik, telefonoz erdaraz eta Hego Amerikako kutsuaz hitz egin baitzion, baina… Eguerdi aldean, hogeita hamar urte inguruko mutil bat agertu zaio tabernan nagusiaz galdezka. - ¿Sois vos el patrön? (Zu al zara nagusia?) – Juantxori begira. - Sí, soy yo. ¿Tu eres el que me llamó ayer por teléfono, para la plaza de camarero? (Bai, ni nauzu. Zu al zara atzo telefonoz deitu zidana kamarero plaza batetzeko?) – Juantxok. - El mismo caballero. Aquí me tiene, puntualy preparado para la sita que consertamos ayer por teléfono. (Nai, ni neu. Hemen nauzu, puntu-puntuan eta lanaz hitz egiteko prest) – etorritako mutilak, beti erdaraz. - Baina zuk euskaraz ba al dakizu? – Juantxok, zeharo harriturik. - Que si hablo en vasco, pues clarito que sí. Nada mas llegar al País Vasco, me compré un pequeño dicsionario, y con eso y con lo que todos los días escucho en la calle, estoy muy avanzado. (Euskaraz egiten ote dudan. Bai, gizona! Euskal Herrira iritsi nintzenean hiztegitxo bat erosi nuen, eta horrekin eta egunero kalean entzuten dudanarekin, gaur oso aurreratuta nago.) – gizon gazteak. - Pero a ver, vamos a hacer una prueba. (Ikus dezagun, proba bat egingo dugu) – Juantxok, ordurako aski etsiturik– Diga algo en vascuence. (Esan ezazu zerbait euskaraz!) - Independentzia! Presoak kalera! Gora Euskadi askatuta! – hego amerikarrak. - Pero hombre, eso lo sabe cualquiera. Yo para el bar necesito un euskera más coloquial. (Baina gizona, hori edozeinek daki. Nik tabernerako eguneroko euskara behar dut) – Juantxok, erdi haserre. - Pues clarito señor. Pregunte, pregunte, que ya verá como le contesto correctamente. (Bai horixe! Galde iezadazu, eta ikusiko duzu zein ondo erantzungo dizudan) - A ver, como se dice Buenos días? (Esan, nola esaten da Egun on?) – tabernariak. - Eso está chupado. Egun on! (Hori biziki erraza da. Egun on!) - ¿Y una botella de vino? (Eta botila bat ardo?) – tabernariak. - Botilla bat de ardoa – gizon gazteak, oso azentu txarrean. - ¿Y un café con leche? (Eta kafesne bat?) – tabernariak. - Kafe bat con esnea – gazteak, lehenagoko azentu txarrarekin. - Pero, pero… ¿que clase de euskera es ese? (Baina, baina… zer euskara mota da hori?) – Juantxok, etsiturik, eta elkarrizketa txoro harekin amaitu nahian, berak ere ez zekiena galde egin zion: - A ver, ¿ cómo se dice felpudo? (Ea, nola esaten da felpudoa ?) – Juantxok, irribarre maltzurra ezin kontuz. - Pero caballero, eso es muy fásil, eso está chupado… (Baina gizona hori aski erraza da. Aisa guztiz) – gizon gazteak. Juantxoren irribarrea seko moztu zen kamareroaren erantzuna entzutean. Ba ote? Anartean, hego-amerikarrak hizketan jarraitu zuen. - Eso es fasilísimo caballero. Felpudo se dise ongi etorri! (Hori oso-oso erraza da gizona. Felpudo ongi etorri esaten da!) ZAKIL LUZEAK Iruñeko Txantrea auzoan bizi dira gure lagunak. Txikitandik ibili dira elkarrekin, ume garaian hango parkeetan hamaika jostaketa eginda, eskola berean ikasi zuten eta orain hogeita piko urtetako gazteak direnean elkarrekin segitzen dute. Jabi ostatu bateko zerbitzaria da, Mikel garaje bateko langilea, Unai bidai agentzia bateko bulegaria eta Patxi, Antton eta Pernando unibertsitateko ikasleak. Jadanik, bakoitza bere bidea urratzen ari den arren, koadrila moduan ateratzen segitzen dute, eta asteburu guzti-guztietan elkarrekin ibiltzen dira: poteoan, nesketan, zinean, mendi txangoak egiten, eta abar. San Ferminak direnean, peña berean ibiltzen dira, jo ta fuego. Nekaezinak dirudite. Lagun onak diren arren, beti norgehiagoka dabiltza, eta ez bakarrik pilotan eta futbolean. Ostiralero, gaueko ordu ttikietan, eta norbera bere etxerako bidea hartu aurretik, Txantreako murru handi baten kontra, sekulako lehiaketa egiten ohi dute. Umeak zirelarik hasi ziren eta oraindik bizi-bizirik mantentzen dute ohitura bitxi hau. Puxika bete-betean, lehertzear, dutenean, hor aritzen dira lehen aipaturiko murruaren kontra, ez nork egiten duen txiza gorago. Azken bolada honetan, Pernadno eta Unai izaten dira txapeldun. Haatik, hau ez da instrumentuarekin egiten duten lehiaketa bakarra. Bero-bero daudelarik, hau da, erdi susalduta, eta hanka-tarteko tranka hanpatuta daukatelarik, luze eta zabaleko neurriak hartzeari ekiten diote. Kirol bitxi honetan txapeldun Jabi izaten da 21 cm luzerekin, gero Patxi 19rekin eta gainontzekoak hor ibiltzen dira 15 eta 17 cm-en artean. Ohitura honekin, nerabezaroan hasi ziren, eta orduz geroztik astero hartutako datu guztiak koadernotxo urdin batean apuntatua dauzkate. Aurten ibilaldi bat prestatu dute abuzturako, eta ez noranahirako. Nora eta Afrikako Keniara! Primeran pasatu behar zuten! Gainera, Unaik lan egiten duen bidai agentziaren bidez joatekoak zirenez gero, prezio berezia egin zieten eta aski merkea atzeman zuten. Pozik zeuden, beraz, abuztua noiz iritsiko zitzaien irrikatan. San Ferminak eta bertan egindako parrandak igaro ziren eta abuztua iritsi. Gure lagunak Iruñetik Bartzelonara trenez joan ziren eta Bartzelonako aireportutik Keniako hiriburukora, hau da, Nairobi-ko aireportura. Baina bidaia ez zitzaien Nairobin amaitu. Autokar zaharkitu batean sartu eta bertan, jende askorekin batera pilatuta, ordu luze eman ondoren, oihaneko herrixka batera iritsi ziren. Hango fauna ikusgarria zen: elefanteak, jirafak, lehoiak, hipopotamoak, bufaloak… baina ikusgarrien egin zitzaiena hango neska ederrak izan ziren. Han zebiltzan erdi biluzik, bularrak airean, inoren lotsarik gabe, eta Txantreako gure lagunen gozamenerako. Horregatik bakarrik bazen ere, bidaia hark merezi zuen. Haatik, ez ziren bakarrik neskak biluzik edo erdi biluzik ibiltzen zirenak, mutilak ere modu berean baitzebiltzan, euren instrumentuak harro-harro erakutsiz, baita bero-bero zeudenean ere. Haien erreminta ikaragarri handiak ikustean, beraien arteko zakil lehia etorri zitzaien gogora. - Antton, atera itzak koaderno urdina, boligrafoa eta metroa, mutil hauen instrumentuak neurtu eta gureekin alderatu behar ditugula! – Patxik, jakin-minak deiturik. - Hi erotu haiz! Zakila neurtzen hasiko gatzaizkie orain. Maritxuak garela pentsatuko ditek. – Mikelek, asaldatuta. - Bai, horixe! – Jabik. - Falta zena! – Unaik. - Eroetxera eramanen gaitiztek! – Pernandok. - Ixo, ixo, koldarrak! – Patxik– Goxokiak emanen zizkieagu eta horrela lasai ederrean neurtzen utziko zigutek. - Begira ezazue hori! – Unaik, aldamenetik pasatzen ari zen hamasei-hamazazpi urteko mutil morroskoa seinalatuz. Hanpatuta darama, puztuta! Ikaragarri handia dauka! - Antton, presta ezak materiala eta hator nirekin! – Patxik, goxokiak poltsikotik atereaz eta mutil beltzarengana hurbilduz. Mutila harrituta gelditu zen Patxi, Antton eta beste lauak inguratzen ikusi zituenean. Patxik goxokiak eskaini zizkion eta mutilak atsegin handiz hartu zituen. Gero, ingeles txarrean zakila neurtzeko baimena eskatu zion, eta mutilak burua mugituz onartu zuen. Anttonek, berehala, zakiltzar hura neurtu zuen. - 25 cm! Jabi! Akabo hire errekorra! Honek 4 cm ateratzen dizkik. – Anttonek, esku artean zeukana ezin sinetsiz. - Hori niri! Eta zuei? – Jabik, irribarre gaiztotxo bat eginez– Kalkulua egin al duzue? - Ixo, ixo! – Pernandok, zeharo lotsatuta– Gureak txilibituak dituk horrelako txirularen aldean. - Kar, kar, kar,…! – barre zoroa egin zuten guztiek. - Hi, Patxi, galde iezaiok mutilari zer egiten duen horrelako tresnatzarra edukitzeko. – Unaik, inbidia ezin ezkutatuz. Eta Patxik ingeles txarrean galde egin zion: - Zer egiten duk hik horrelako zakil handia izateko? Eta mutilak Patxirena bezain ingeles txarrean erantzun: - Ez diat deus berezirik egiten, bakar-bakarrik, eta hemengo mutilen artean hedaturik dagoen ohiturari jarraiki, astean behin, 300 edo 400 gramoko harria zakilean lotu eta zintzilik eramaten diat, besterik ez. - Hara, hortxe zegok sekretua! – Pernandok. - Guk ere, Txantreara itzultzean, antzeko zerbait egin beharko diagu. – Mikelek. Mutilak Kimama izena zuen, eta ongi hornituta izateaz gain, biziki jatorra zen. Gure lagunak herrixka hartan izan ziren bitartean, hango bazterrak erakutsi eta neskak aurkeztu zizkien. Behin baino gehiagotan, ibaira eraman zituen eta han ibili ziren bertako neska eta mutilekin era guztietako jostaketetan. Egunak azkar eta fite igaro ziren, eta Nairobira eraman behar zituen autokarra hartu zutenean, bertan zeuzkaten herrixkako neska-mutil guztiak agur egiteko. - Zuek itzuliko? – galde egin zien Kimamak, masailetik behera irristatzen zitzaizkion negar malkoak txukatuz. - Bai, Kimama, hurrengo urtean itzuliko gaituk. – Patxik, pena ezin ezkutatuz– Zin egiten diagu. - Eta Txantrean berak erakutsitako teknika praktikatuko dugunez, zakilarekin egindako aurrerapenak erakutsiko zizkiagu! – bota zuen Pernandok, pozaren pozez. Eta horrela, Kimama eta gazte lagunak herrixkan utzirik, itzulbideari ekin zioten. Herrixkatik Nairobira autokar karraka hartan, Nairobitik Bartzelonara hegazkinez, eta Bartzelonatik Iruñera trenez. Handik bi egunetara ohiko eginbeharretan zebiltzan. Asteburuetan Ezkaba mendira joaten hasi ziren eta bertan Kimamak erakutsitako teknika praktikatzen zuten, baina 300 edo 400 gramoko harria jarri beharrean, galdutako denbora berreskuratu nahian edo, kilo bateko harritzarra zintzilikatzen zuten. Urte horrela egin zuten. Teknika arrunt mingarria bazen ere, Kenian ikusitako emaitzek gure lagunak astebururo horrela jokatzera animatzen zituzten. Abuztu berri iritsi zenean, Txantreako lagunek aurreko urtean Kimamari emandako hitza bete zuten. Trena hartu eta Bartzelonaraino. Bartzelonako aireportuan hegazkina hartu eta Nairobiraino, eta azkenik, Nairobin autokar karraka hartu, eta jende askoren artean pilatuta, Kimamaren herrixkaraino iritsi. Karrakatik jaitsi orduko, han ziren herrikaxko neska-mutil guztiak agur beroa egiten. Kimama ere, han zen txantrearrak besarkatzeko irrikatan. Besarkada bana eman ondoren, mutil beltzak, oso ingeles txarrean, Patxiri galdetu zion: - Eta zer moduz zuen zakilekin? Harriaren teknika erabili al duzue? Dagoeneko, gureak baino handiagoak izango dituzue, noski! Eta Patxik, etsipenezko keinua eginez, erantzun: - Erabili, erabili dugu, eta astero, gainera! Tamalez, gure zakilak ez dira oraindik zuenak baino handiagoak, baina beltzagoak bai, ziur! TATUAIAK Iboni bederatzi egun falta zitzaizkion ezkontzeko eta jadanik dena prest zeukan: andregaia, etxebizitza, eliza, apaiza, gonbidatuak, jatetxea… Azken hilabetea gogor samarra egiten ari zitzaion lantegiko ohiko lanaz eta ezkontzaren antolamenduaz gain, astebururo izaten ari baitzuen agur-afariren bat. Duela hiru aste txikitako lagunek egin zioten, duela bi aste lantegikoek, aurrekoan futbol taldeko lagunek eta ostiral hartan betiko koadrilakoekin egin behar zuena. Egutegi estuagorik! Lantegiko lan nekeza bukatu, autoa hartu eta Katean lan egiten duen lantegitik Hondarribia aldera joan zen. Bekoerrota izeneko jatetxean koadrilako lagunak zituen zain. Osora hamar bat. Jatetxera sartu eta haientzat erreserbatutako tokian eseri egin ziren. Afari osoa eman zuten kantu eta txantxen artean. Afaria ederra eta ugaria zen, edaria berriz, ugariagoa. Mahai gainean hogei bat botila ardo ikus zitezkeen, afaltzen ari zirenak baino dezente gehiago. Afaltzen amaitu zutenerako zepelin ederra zeukaten gainean. – Goazen Moskura! – bota zuen Beñatek. – Bai, goazen! – baieztatu zuten gainerakoek. - Ez dira ertzainak bidean izango? – galde egin zuen Anderrek, kezkaturik. - Zer hago, beldurrez ala? – Patxik. - Hik ez duk gidatu behar, baina autoa eraman behar dugunok kezkaturik gaituk. Horrelako aitzurrarekin harrapatuz gero, akabo gure gida-baimenak! – Anderrek. - Nik bazeukaat horretarako soluzioa. – Txominek. - Ez duk izango oinez joatea? – Patxik. - Ez motel, soluzioa hauxe duk. – erantzun zion Txominek alkandorako poltsikotik kaxatxo zuri-urdin bat atereaz. - Zer da hori? – Ibonek. - Mendazko goxokiak. Txoferrek horrelako bana hartuz gero, ertainen alkoholemian ez duzue neurririk emango. – Txominek, esku ahurrean zituen goxokiak erakutsiz. - Ziur al haiz? – Ibonek, gehiegi sinistu gabe. - Baiki Ibon, baiki. Laster ezkonduko eta gizonduko den mutilak mendazko goxokiena jakin behar zian. – Txominek, harridura erakutsiz. - Zer edo zer entzuna nian, baina ez zekiat oso fidagarria ote den. – Ibonek, arrunt mesfidati. - Baietz ba! Gainera, beste erremediorik ez zagok, edo goxokiak edo bat ere ez. – Txominek, haserre plantak egiten– Zuek aukeratu! Anderrek eskua luzatu eta hiru goxoki hartu eta ahora eraman zituen. - Bada ezpada ere! – esan zuen– Hiru goxoki jateak segurtasun gehiago ematen zidak. Ibonek gauza bera egin zuen, baina hiru hartu beharrean bost hartu zituen. - Hara, gure segurola! – Patxik. - Zer segurola eta zer segurola-ondo! – Ibonek, haserreturik– Bihar pasata, etzi, ezkondu beharra zeukaat, eta ez nauk geldituko txorakeria batengatik gida-baimenik gabe. - Oi ene, Ibontxo haserretu zaiguk! – bota zuen, ordura arte ixilik egon zen Jonek, nesken ahots eztia imitatuz– Zer esango du Olatzek, bere Ibon maitea mozkorturik harrapatzen badute? - Ixo, babo hori! Hago isilik alu zikina! – Ibonek, mendazko beste goxoki bat ahoan zuela. - Hik jan itzak goxoki horiek lehenbailehen eta goazemak Irun aldera. – Txominek. Goxoki guztiak jan ondoren, koadrila Anderren eta Ibonen autoetan sartu eta Bekoerrotatik Amuteko lehen etxeetara daraman bidetik barrena abiatu ziren.Hamar minutu eskasetan Urdanibia plazan zeuden. Bertan aparkatu eta hurbilen zegoen tabernara sartu ziren. - Hau zortea! Bidean ez dugu ertzainik topatu. – Ibonek, arnasa lasai hartuz. - Utz itzak maritxukeriak alde batera eta goazemak muturra berotzera! – Jonek, lehenagoko neska ahots ezti bera jarriz. - Muturra berotzera esaten duk. – Anderrek– Jadanik muturra eta gainerako guztia edukiko duk bero. Zer ari haiz esaten? - Hik ez duk nire antzik. – Jonek, erdi haserre, eta neska ahots eztia oraingoan ahantzirik. - Isil zaitezte biak, babo ziztrin halakoak! – Patxik– eta sar gaitezen tabernara! Eta horrela, gatazka gehiagorik gabe, gure lagun koadrilak gau osoa eman zuen ostatuz ostatu. Sekulako parranda egin zuten. Goizeko ordu ttikietan Ibon gainean zuen ezkontzaz oroitu eta etxera joateko imintzioa egin zuen. - Ni etxera noak, lo pixka bat egin beharra zeukaat! - Hi etxera? Biana, baina… erotu al haiz? Gaurkoa duk hire azken parranda, gizon libre bezala, eta ez diagu utziko joaten. – Txominek, hitzak arrastaka ahoskatuz. - Bai horixe! – gainerakoek– Hi ez haiz inora joango gu gabe. Parranda bukatu bitartean, hi hemen gurekin, kieto! Eta gogoaren kontra bazen ere, Ibonek han segitu behar izan zuen bere lagunekin, taberna guztiak banan-banan itxi zizkieten arte. - Orain bai, ezta? Orain utziko nauzue etxera joaten? – galdetu zien Ibonek bere lagunei azken tabernako pertsiana metalikoa jaistean. - Ezta pentsatu ere! – erantzun zion Txominek arrunt txispatuta– Nire elkarteko giltza ekarri diat eta bertan jarraituko diagu azken gau hau. - Azken gaua’ – Ibonek, harriturik– Ni bihar ez nauk hilko, ezkonduko nauk, besterik ez. - Gauza bera duk! – Txominek– Ala, goazen elkartera! Hemen bertan zegok, aurreko espaloi horretan. Musean arituko gaituk. - Bai horixe! – beste guztiek– Mus txapelketa mundiala eginen dugu! Istant batean hor ari ziren denak elkarteko mahaietan eserita eta musean. - Ideia mundial bat bururatu zaidak! – bota zuen Patxik, ustekabean. - Bota ezak Patxi, bota ezak! – gainerakoek batera. - Gaurko gaua berezia da, gure bizitza osoan gogoratuko duguna. Ez al da horrela lagunak? – Patxik, beste guztiei galdezka. - Bai hala duk, hala duk! – gainontzekoek. - Egin dezagun zerbait gau honen lekuko, eternala izan dadin. – jarraitu zuen Patxik. - Eta zer egin dezakegu? – besteek. - Tatuai bat leku ezkutu batean. – Patxik. - Tatuai bat? – Txominek. - Eta leku ezkutu batean? Nirekin ez kontatu. – Ibonek. - Eta non, koskoiletan? – Jonek, irribarre maltzur batez. - Ez, koskoiletan ez, marizikin halakoa! Ipurdi matrailan. – Patxik, irribarrez. - Ipurdi matrailan? Hi sano al hago burutik? – Ibonek, desesperaturik– Eta zer jarriko dugu, loretxo bat? Edota neska bat larru bizitan? - Azken hori ez legoke bat ere gaizki. – Jonek, pozaren pozez. - Ez bata eta ez bestea. – Patxik– Dotoreago den zerbait, hau da, gure izena: Patxi naiz, edo Ander naiz, edo Ibon naiz… Zer iruditzen? - Hau duk burua, hau! – Txominek– Jeniala, mundiala, izugarria…! - Bai, bai, ikaragarri ona! – beste guztiek, oraindik alkoholaren lurrunetan zebiltzala. - Ba, nik ez diat egingo! Zer esango diot gero Olatzi halako tatuaia ikusten didanean? – Ibonek, purrustan. - Zer esango dik bada, musu emango dik tatuaian, besterik ez. – Jonek zepelinaren eraginpean. - Bai horixe! – besteek. - Eta gainera, gau honen gogoangarri izan dadin koadrilako denok egin beharra daukagu. Betiko batuko gaituen seinalea izango da. – Patxik, zutik mantentzeko ahaleginetan. - Denok ala inor ez! – bota zuen Jonek. - Bai horixe! Denok ala inor ez! Denok ala inor ez! – errepikatu zuten, behin eta berriz, gainerako guztiek. - Eta non egingo digute? – Anderrek. - Alde Zaharrean tatuaiak egiten dituen denda zabaldu dute, dagoeneko eskualde osoan famatua egiten ari dena. – Patxik– Egin dezagun bertan. Goizeko zortzietan zabaltzen dute. Bi ordu, besterik ez zaizkigu geratzen. - Ba bitartean, atera ezak koñaka gosaltzeko! – Txominek– Itxoin beharreko denbora laburragoa egingo zaiguk-eta. - Bai atera ezak botila bat, atera ezak! – beste guztiek. - Bat ez, hiru aterako ditiat. Betiko batuko gaituen ekintza hau ospatu beharra zagok-eta! – Patxik, pattarren armairua irekiz. – – – – – – – – – – – - Zortzietan, puntu-puntuan, gure lagunak tatuaien dendan zeuden sartzeko pronto. Lehenak izan ziren bertara sartzen. Bertako langileak txinatarrak edo ziren. - Zel nahi duzue? – esan zien harrera egiten zuen langileak. - Tatuaia bana nahi dugu. – Patxik, inoiz baino mozkorrago zegoela. - Eta non? – txinatarrak. - Ipurdiko matrailean. – Patxik. - Ipuldian? – txinatarrak. - Bai, ipurdian. – Patxik. - Ongi da, ongi da, uleltu dut, ipuldian nahi duzue. – txinatarrak. - Eta zenbat kobratuko diguzu tatuaia bakoitzeko? – Jonek, ziraldoka. - Tatuaialen neuliaren alabela. – txinatarrak. - Hamabi edo hamahiru zentimetroko kontua. Patxi naiz, Ander naiz, Txomin naiz… hau da, gure izenaren erreferntzia, besterik ez dugu nahi. – Patxik. - Olduan melke, hilulogeita hamal eulo bakoitzeko. – txinatarrak. - Hirurogeita hamar euro? Hi gutaz burlatzen ari al haiz? – Patxik, ero antzera. Txinatarrak, kikildurik ez zuen deus erantzun, eta Patxik, pattarrak bultzaturik, txinatarra kolkotik hartu, lurretik altxatu eta astintzen zuen bitartean, honela esan zion: - Hogei euro bakoitzeko, entzun al duk? Eta txinatarrak, mozkorti haien beldurrez, erantzun: - Ongi da, ongi da. Aska nazazu. Egingo dizuegu tatuaia ipuldian. Gero, beldurrez begiratzen zieten niru nska langileei, egin beharreko lana agindu zien: - Txin txan txun, txenpun txenpin. Nagusiaren esana entzundakoan hiru neskak materiala prestatzen hasi ziren. Ordu erdi batean, tatuaiak eginda zeuden. Hogeina euro ordaindu eta norbera bere etxera joan zen. Ibon lur jota sartu zen ohera. Goizeko hamarrak ziren eta arratsaldeko seietan hitzordua zuen Olatz emaztegaiarekin ezkontzaren azken kontuak ongi antolatzeko. Hori dela eta, iratzargailuak arratsaldeko lauak markatuz ipini zuen. Eta nai baino lehenago iritsi zen esnatzeko tenorea. Iratzargailuak soinu handiz jo zuen Ibonen belarrietan. Mutila nekez altxatu zen. Bestondoa barruraino sartua zuen eta burua lehertzear zeukan. Logelako armairuan zuen ispilu handira hurbildu zen biluzik. Horiek begizuloak! Eneee! A zer piura! Eta hurrengo goizean ezkondu behar. Dutxara sartzeko biratu zen eta orduan ikusi zuen ipurdian egindako tatuaia. Ahaztuta zuen. Hori ustekabea! Ezin zuen sinistu ikusten ari zena. Amorru handiz, telefonoa hartu eta Patxiri deitu zion. - Egun on Patxi. Esna al haiz? - Ba, egia esateko, oraintxe arte ez. Zer nahi duk? – loaren orratzak ezin kendurik. - Zer nahi dudan? Ez zegok eskubiderik! Hire tatuaia ikusi al duk? – Ibonek, sua mingainetik jaurtitzen zuela. - Ez, ez! Itxoin ezak pixka bat! – Patxik, ohetik altxatuz eta ispiluan begiratuz– Aaaaaaaaa! Txino madarikatua! Harrapatzen dudanean! – suturik. - Niri Karmentxu naiz idatzi dit, pentsa ezak. Olatzek pentsatuko dik maritxua naizela. – Ibonek, marruz. Telefonoz elkarri deika aritu ziren, eta horrela jakin zuten txinatarrek, mendekuz, eta denak mozkorturik zeudela baliatuz, ipurdian grabatu zietena. Jonen ipurdi matrailan Lupita naiz irakur zitekeen garbi-garbi, Txomienean Lurdes naiz, Anderrenean Begotxu naiz… eta Patxirenean Juanita Banana naiz. Horra hor Patxiren desesperazio oihuaren arrazoia. Huraxe izan zen alkoholez blaitutako gau haren gogoangarri gure lagunek ipurdian grabaturik gorde zuten oroitzapen mingotsa, zikoizkeria eta mozkorkeria ez baitira horrelako gauzak egiteko abiapunturik onena. TELEFONOZKO MEZUA 2009ko ekainaren hasieran sekulako ezbeharra gertatu zen, Brasiletik Europara zetorren hegazkina airean lehertu baitzen. Hegazkinaren hondamendia azaltzeko teoria aunitz plazaratu baziren ere, oraindik ez dago bat ere garbi zer gertatu zen hegazkina horrela, bat-batean, leher zedin. Batzuen ustez, hegazkina beharrezkoa baino abiadura handiagoaz sartu omen zen ekaitz zirimola batean; besteen ustez, berriz, tximista batek jo zuen bete-betean. Ozeanoaren gainetan hegan egiten ari zela agitu zen eta ez zen inor salbatu. Osora ehun eta berrogeita hamar lagun inguru hil ziren istripu lazgarri hartan. Horietako bat Katti Dager sendagile baionarra zen. Rio Janeiron burututako Osasun Biltzar batean parte hartzera joana zen eta bost egun berantago, hegazkin horretan itzultzen zen. Baionan, haren senarrak eta hiru seme-alabek kolpe handia hartu zuten ustekabeko istripuarekin. Biziki familia lotua zen eta ama, horrela, bat-batean, galtzea gaindiezina egiten ari zitzaien. Jakes senarra zurrunbilo beltz batean sarturik zebilen eta gorpua berreskuratu ez izanak haren tristura areagotzen zuen. Lehen egunak seme-alabak zaintzen eta amaren galera nolabait bideratzen eraman zituen. Ez zen lan erraza, amaren itzala seme-alabentzat handia baitzen. Samina handiz baina aurrera egin beharra zeukaten. Gogorrena gaua zen, ilunpeko orenak ematea guztiz ezina egiten zitzaion Jakesi. Ordu luze egiten zuen ohean, oroitzapenetan murgildurik, emazte zendu berriaren argazkiei begira. Horietako batean, mesanotxean zuen sakelako telefonoa hartu eta indar ezkutu batek bultzaturik, mezu bat idazteari ekin zion: Maite zaitut Katti. Gero, etsiturik, negarrak begietan zituela, emazte zenduaren telefono mugikorrera igorri zuen. Ondoren, logelako argia itzali zuen. Loa itzul-mitzulika zebilkion Jakes osorik ezin hartuz. Halako batean, mesanotxean zuen sakelako telefonoan mezu bat sartu berria zuela entzun zuen. Erdi lotan zegoela, besoa luzatu eta telefonoa hartu eta nor zen mezuaren igorlea irakurri zuen. Ezin zuen sinetsi ere egin, telefonoak emaztearen izena markatzen baitzuen. Bihotzaren taupadak bortizki kolpatzen sumatu zituen. Urduri samar, mezua zabaldu eta irakurri egin zuen: Nik ere maite zaitut. SANTO DOMINGOTIK EKARRI NUEN EMAZTEA Joxe izena dut eta berrogeita bi urte egin berriak. Parrandero samarra izan naizela aipatu beharra daukat nire burua aurkezterakoan, parranderoa eta gonazalea. Bai, aitortzen dizuet, gonek izugarri erakartzen nautela, baina ez fraide eta apaizenek, neska ederrenek baizik. Urteak joan eta urteak jin , lorez lore ibili naiz, neska baten besoetatik beste baten besoetara, baina ezer seriorik ez, libertimendua, besterik ez. Hori dela eta, ez naiz inoiz ur handitan sartu, eta elizako bueltaz ez dut inoiz pentsatu ere egin orain dela zazpi urte arte. Esan dizuedan bezala, duela zazpi urte, hogeita hamabost bete izan nituenean, etxeko ispiluan txukuntzen ari nintzela, sumatu nuen nire aurpegia ez zela betikoa, ximur batzuk azaltzen hasita nituen begien izkinetan, eta okerrago oraindik, soilgune dotore batzuek kopeta handitzen zidaten. Gauza handirik ez, oraindik, baina bidea urratzen hasita zegoen. Ene, zahartzen ari nintzen!!! Zahartzen eta oraindik ezkondu gabe! Amak eta izebek aspaldidanik esaten zidaten ezkondu beharra neukala, urteak ez zirela alferrik pasatzen, eta beraiek ez zirela betiko; baina nik neure burua oraindik gazte samar ikusten nuen horrelako saltsetan sartzeko. Neskak bai, baina larunbat eta igandeetarako! Zertarako konpromisoak gazte lorean zegoen ni bezalako mutil gazte batentzat? Baina egun triste hartan ispiluak oso bestelakoa azaldu zidan: ni ez nintzen zegoenekoz, garai bateko gaztea. Hura pena eta atsekabea! Momentu zehatz hartan etorri zitzaidan burura jubilatzen zen lankide baten agur-afarian berak bertan ginen gazte ezkongabe guztioi luzatu zigun mezua: Oraingo neska-mutilak, berrogei urterekin ezkontzen dira eta berrogeita bost urterekin enkargatzen dute lehen seme-alaba Hego Amerikan. Guk denok barre eta algara handiz erantzun genion arren, berak egindako enbidoak denoi bihotzean zimikoa egin zigun. Neronek gazte ikusten nuen nire burua oraindik, hogeita hamabost urte bakar-bakarrik, baina orain ispiluak oso bestelakoa esaten zidan: Joxe hi ez haiz garai bateko mutil gaztea!! ! Zer egin? Neska non bilatu? Nire inguruko neska guztiek, ni baino parranda zaleagoak izaki, ez zuten ezkontzeko inolako premiarik ikusten. Norekin uztartu orduan? Karlos lagunak bidea zabaldu zidan: - Joxe, nik ere, ezkontzeko premia ikusten diat. Goazemak biok Errepublika Dominikarrera, esaten dutenez hango neskak europarrekin ezkontzeko irrikatan omen daude, irlatik eta bertako pobreziatik alde egiteko. Goazemak eta ekar dezagun behor eder bana bertatik! Bi aldiz pentsatu gabe, udako oporretan Karibeko uharterantz abiatu ginen. Oso giro beroa zegoen bertan, bai eguraldiaren aldetik, eta baita sexu kontuen aldetik ere. Gehiegi ahalegindu gabe, neska bana lortu genuen. Biak mulato ederrak, oso gaztelania xelebreaz mintzo zirenak.¿Que quieres mi amorzito? ¡Que hermoso es el vasco de mi corazonzito! eta horrelako hitz eztiak, behin eta berriro, esaten zizkigutenak. Ederrak ziren oso, beltzaran samarrak agian, baina ederrak oso. Eskuak olagarro batek bere garroen antzera mugitzen zituzten, eta beti zeuzkaten guk gutxiago pentsatzen genuen lekuetan, gure paparra ferekatzen, gure ipurdi-masailak tentatzen edota aurreko kremailera gora eta behera mugitzen. Sentsualak ziren oso, izugarriak. Duela zazpi urte, herrian beraiekin azaldu ginenean izugarrizko esamesak zabaldu ziren. Hura eskandalua. Nire amatxik, orduz geroztik ez dit hitzik egin. Inoiz ez dit barkatu erdaldun batekin ezkondu izana. Hura eskandalua herrian. Erdalduna eta beltza, eneee!!! Nondik atera dituzue urdanga horiek? Euskal Herrian ez al zeneukaten neskarik halako piurak ekarri beharrean? Karlos gustura zegoen bere mulatoarekin, baita ni ere nire Mari Inexekin. Polita zen, ederra, berritsua, ni bezain parranda zalea eta oso zintzoa, beti nire aginduetara, nire sua itzaltzeko prest. Zer gehiago eska niezaioken. Gainera, berehalaxe gelditu zen haurdun. Herriko mingain gaiztoek segituan zabaldu zuten ez zela nirea, Karibetik ekarritako fardela baizik. Baina niri bost axola. Egia aitortu behar badizuet kontuak ez ziren oso garbi ateratzen, baina hobeto gauza horrela uztea, eta kaka gehiago ez nahastea. Zertarako? Berehalaxe mutiko beltz-beltz-beltz baten aita egin nintzen. Braulio izena jarri genion, Mari Inexen aitonaren oroitzapenez. Herrian, berriz, hasiera-hasieratik Ikatz deitu zioten. Mari Inex ez zen Euskal Herrian ongi moldatzen. Hotz handia pasatzen omen zuen, eta gainera nazka-nazka eginda zegoen gure zirimiriaz. Uda partean, ez zuen hotzaren aitzakiarik, eta hori dela eta, erdi biluzik ibiltzen zen, Santo Domingon ezagutu nuenean ibiltzen zen moduan, gona ttiki-ttikiaz eta bularretako eskas samarraz. Bular eta ipurdi handiak zituenez gero, erdiak arropatik kanpo edukitzen zituen, herritar guztien gozamenerako. Herrian Inex bular-marmita deitzen zioten, eta berarekin hitz egitean, hor ibiltzen ziren denak, gazte eta helduak, begiak bere aireportuan finkatuz. Esamesak eta txutxumutxuak denon ahotan zebiltzan. Etxeberriko Iñaxiorekin ibilia zela, On Enrike erretorearen lagun handia zela, Martxiel estankokoak burua galduta zeukala Inex gurearekin... eta abar luzea. Behin baino gehiagotan harrapatu nuen horiekin eta beste hamaikarekin musuka eta zirriz egiten, baina berak esaten zidanez hori lagunen arteko harremanak, besterik ez ziren. Euskaldunok oso estuak eta tradizionalak omen gara, eta horregatik nahasten ditugu eguna eta gaua adiskidetasunaren kontuetan. Jokaera horiek lagunekin eta ezagunekin normalak omen ziren, eta kontrakoa esaten zutenak estu eta atzerakoi samarrak. Nik ez nekien zer pentsatu. Etxean emazte ona zen, ama ona,... hori bai oso sukaldari txarra. Hozkailua gauza bitxiz beteta zeukan arren, inoiz ez zuen patata tortilla bat egiten. Zerbait beroa dastatu nahi nuenean neronek egin beharra neukan, eta Braulio ttikia zaintzeko neska bat hartu behar izan genuen. Denborarekin, gauero ateratzen hasi zen, eta gaueko ordu ttikietan itzultzen zen etxera. Berak esaten zidanez burua freskatu beharrean zeukan, Euskal Herrian bizitzeko. Lagunek neska Santo Domingora berriro bidaltzeko esaten zidaten arren, nik ez nien inoiz kasurik egin, nire emazte laztana baitzen! Nire irudikoz, esamesak eta txutxumutxuak inbidiaren ondorio ziren, inbidia bai, inbidia zikina! Konturatu orduko beste bi mutikoren aita egin nintzen. Bi hauek ere, Braulio txikirekin gertatzen zen bezalaxe, ez zuten nire antzik. Herrian haurrekin paseatzean ikusten nindutenean barre egiten zuten, eta herriko bertsolaria zen Endika Gartziarenak herri osoan famatuak egin ziren bertsoak egin zituen nire gainean. Ama gaixoa bihotzak jota hil zitzaidan, eta aitak ez zuen nitaz eta bere bilobez ezer jakin nahi. Bihozgabe halakoa! Herriko emakumeek gorroto zuten Mari Inex, eta gizonek gehiegi maite, ene ustez. Kaletik pasatzean txistu egiten zioten edota loreren bat bota eta ostatuetan muturra berotzen zutenek eskuak ipurdira eta bularretara luzatzen zizkioten lizunkiro. Hura ez zen bizimodua! Karlosek ekarritako emakumearekin ez zen gauza bera gertatzen. Hasiera-hasieratik bat gehiago izan zen herrian, eta zegoenekoz denen estimua bereganatua zuen. Behin, gure etxera afaltzera gonbidatu genituen. Hobeto esanda, gonbidatu Mari Inexek egin zituen, eta afaria nik, nire emazte karibetarrak ez baitzekien arrautza bat frijitzen. Hamarrak aldean etorri ziren afaltzera. Nik ordurako banuen dena prest. Mari Inex bere soineko loredun ederrenetako batez jantzi zen. Jadanik hiru semeak lotan jarrita nituen. Afarian hitz eta pitz aritu ginen lauok eta postreetarako atera nuen xanpainak hitza erraztu zigun. Halako batean, Karloxek herriko zenbait zurrumurru mahairatu zigun. Mari Inexi ez zitzaion bat ere gustatu eta garrasi histerikoen artean zartako zenbait eman zizkion, eta baita buruko zenbait ile tira eta kendu. Ni ikaratua nengoen, ez nekien zer egin. Mari Inex eroaren gisa ari zen garrasika eta mahai gainean zeuden plater, edalontzi, sardexka, koilara eta bestelako guztiak Karloxi eta bere emazteari jaurtitzen. Gure lagunek, arrunt ikaraturik, alde egin zuten korrika eskaileratik behera. Mari Inex, bat ere lotsatu gabe, atzetik atera zitzaien xanpain botila eskuan zeramalarik. Goitik bota zien eta Karlox buruan jo zuen bete-betean. Nire laguna, konortea galdurik, eta burutik odola bor-borka zeriola, lurrera erori zen seko. Bere andreak, nerbio eraso batek harturik, garrasi lazgarriak jaurtitzen zituen. Bizilagunak eskaileretara atera ziren eskandaluaren zergatia jakin nahian eta hor ikusi zuten Karlox luze-luze etzanda odol putzu batean. Anbulantzia batean eraman zuten. Nik ez nekien zer egin, gauzak lurretik jasotzen hasi, negarrez hari ziren gure hiru semetxoak lasaitu edota Mari Inex betizua baretu. Hiruretan saiatu nintzen. Halako batean, Mari Inex etxeko hozkailua zabaltzen ikusi nuen. Eskuan Karloxi kendutako ileak zeramatzan, eta nire harridurarako izozkailuan sartu zituen bertan zituen beste gauza askoren artean. Nik ez ikusiarena egin nuen. Hurrengo egunean aguazilak etorri ziren eta Mari Inex deklaratzera eraman zuten herriko auzitegira. Handik zenbait egunetara isuna etorri zitzaion. Ordaindu nuen eta lehen bezala jarraitu genuen. Karloxek, berriz, ez zuen burua altxatzen, eta gaitz baten atzetik beste handiagoa zetorkion. Horrela hiru hilabete eman ondoren eta oinaze handiren artean zendu zen. Hil zen gau berean, Mari Inex izozkailuan zituen ileak ateratzen eta zakarrontzira botatzen harrapatu nuen. Ezpainetatik honakoa atera zitzaion: Agur betiko Karlox, orain ez dut gehiago honen beharrik izango! Txao banbino! Orduan ulertu nuen dena, orduan ulertu nuen zergatik gurekin sartzen ziren senide edo bizilagunak zenbait hilabete barru hiltzen ziren denak. Mari Inexek vudu egiten zien. Deabru berberarekin ezkonduta nengoen! Badaezpada ere, ez nion ezer esan, eta lehen bezala jarraitu nuen. Baina badirudi, Karlox zenaren emazteak, bera bezain karibetarra izaki, susmo txarra hartu ziola gertatutakoari eta salaketa jarri zion epaitegian. Orduz geroztik zurrumurruak oso fite zabaldu ziren. Jendea oso asaldatuta zegoen eta kaletik gindoazela edozein gauza esate ziguten. Gainera, bi aldiz eraman zuten deklaratzera. Jendeak ez zion hitzik egiten, eta egoera gero eta okerrago jartzen ari zitzaigun. Bat-batean Mari Inex nire bizitzatik desagertu zen. Ni hiru mutikoekin gelditu nintzen. Egia esan behar badizuet ez nuen bere hutsunea gehiegi sumatu, nik lehen bezala, hau da, dena egiten jarraitu bainuen, lana etxetik kanpo eta lana etxean. Inoiz gehiago ez dut Mari Inexetaz ezer jakin. Oraintxe ere, ez dakit Santo Domingora itzulia ote den edo hor nonbait dabilen ni bezalako beste ergel bat engainatzen. Larrutik ordaindu dut hogeita hamabost urterekin sumatu nuen ezkontzeko beharra. Bai, alajaina! AMATXIREN HAUTSAK Hiru urte baziren Fernantxo Urtizberea hilda zela eta Axun bere emazteak garai bateko grina berberaz maite zuen, maite eta oroitu, beti bere ondoan, bere gainean sarritan, eramaten baitzuen senarra zenaren errautsak gordetzen zituen kaxatxoa. Egia erran behar bada, erran dezagun kaxatxoa ez zela ez handia, eta ez astuna, txol eramangarria baizik eta honek bide ematen zion Axuni mandatuak egitera irteten zenean, erosketako poltsan, berekin batera eramateko; horrela garai zaharretan bezala, Fernantxorekin batera paseatzen ari zela iruditzen baitzitzaion. Aunitzetan solasean aritzen zen berarekin bizirik balego bezala. - Oroitzen al duk Fernantxo, nola ibiltzen ginen elkarrekin karrika honetan, goiti eta beheiti, eskutik helduta? Ederki pasatzen genian, Joxeren ostatuan sartuta eta txakolin bana edanez. Mutturra pixkot berotu eta martxa, berriro ere. Oraindik ere, gauza bera egiten diat, ostatuan sartu, bi txakolin eskatu, eta biak zurrupatzen ditiat hire oroimenez. Ohitura zaharrak ez ditun galdu behar. Bai horixe! Hik beti hori bera erraten hidan, eta horretaz oroituz, egiten diat horrela. Egia erran behar badiat, mutturra lehen baino pixkot gehiago berotzen zaidak, baina berdin duk, ez diat gero autoa gidatu behar. Gure automobil zaharra hortxe zagok aparkatuta, hik utzi huen etxe aitzineko ber lekuan. Eta nik gida-baimenik ez dudanez, hor segituko dik, arrunt herdoildu arte. Lehengo batean gutun bat igorri zidatean udaletxetik autoaren ez zakiat zer zerga ordaindu behar nuela erranez. Azala behar! Beraiek ederki zakitek nik ez dudala gure autoa mugitu ere egiten, eta hala eta guztiz ere, ordaindu behar. Erotu dituk. Igandean, mezatik ateratzean, topo egin nian Errotazaharreko Margarirekin, badakik Joxe Mari alkatearen ama, eta ederrak bota nizkioan. Bera ere ez zuan isildu. Horren mihi gaiztoa! Sugearen miztoa zirudik. Baina ez ezak pentsa ni kikildu ninduela. Badakik hik sobera nolakoa den hire Axun, onean ogi puska, baina txarrean… infernuko Patxi baino gaiztoagoa. Azkenean, oilaloka baino harroagoa jarri zenez, nire poltsarekin kolpetxo batzuk eman behar izan nizkioan buruan eta besoetan, apaltzeko pixkot, badakik. Eta poltsan hire errautsen kaxatxoa neramanez, arrautza ederra egin nioan kopeta erdian. Haren garrasiak! Gaiztoa duk, badakik. Halako batean, On Fermin erretore berberak elizatik aterata, banatu behar izan gintuan. Horri eskerrak, bertzenaz , orain kopetan kankarreko bakarra eduki beharrean, lauzpabost edukiko baitzituen. Bai, Axunek beti zeukan buruan bere Fernantxo maitea eta poltsan, alde batetik bestera, beti berekin zeraman kaxatxoak bakardadeko momentuak gainditzen laguntzen zion, baita gero eta handiagoa zuen alzheimerraren gorabeherak eramaten ere. Zeren eta Axun bakarrik bizi baitzen. Hiru seme-alaben ama zen, bi mutil eta neska bat. Antton semea Kaliforniara joana zen bere emazte eta bi semetxoekin. Urteak ziren Euskal Herrira etorri gabe zela. Extanix, berriz, mutilzaharra zen, eta Iruñean egiten zuen lan eta bizi. Hori dela eta, hagitz gutitan egoten zen amarekin. Hori bai, astero, larunbatean, dei egiten zion bere osasunaz galdezka. Eta Kontxita alaba, klausurako moja sartu zen Arizkungo komentuan. Beraz, Axun gureak senarra zenaren errautsekin solas egin behar, ezinbertzean. Egun hartan, ilunabar orotan egiten zuen paseoaren bueltan etxera iristean gutunontzia zabaldu zuen eta Ameriketatik bidalitako eskutitza topatu. Bihotzaren taupadak azkartu zitzaizkion, zale. Anttonen karta ote? Esku dardaratiz zabaldu zuen eta irakurtzeari ekin zion artega eta urduri. Bai, Anttonen letra zen! Ama, zer moduz zaude? Hau jasotzean beti bezain ongi eta osasuntsu egonen zarela espero dut. Gu ere aski ongi gaude. Iñaki semeari azken hortza jausi zaio dagoenekoz, eta gizontto bat egina dago. Mikeltxo ere handixko daukazu. Biek gogo handia dute zu ikustekoz. Hori dela eta, bi hilabete barru, hau da agorrilean, Euskal Herrira joanen gara lauok zurekin egotera. Laura emazteak dagoenekoz, hegazkinerako txartelak erosita dauzka. Prest itzazu gure gelak, berehala zurekin egonen baikara. Zaindu ezazu zure burua. Musu handi-handia zuretzat. Agorrileko lehen igandean Berako gure etxean izanen gara. Sarri arte. Antton, Laura, Iñaki eta Mikel. Axunen begiak negar malkoz blaitu (9) ziren eta momentu zehatz horretatik gelak garbitzen eta etxea txukuntzen hasi zen. Etxea herriko eliza baino garbiagoa zeukan. Hilabeteak igaro ziren eta azkenean, agorrileko lehen igandean, eskutitzean agindu bezala, taxi batean iritsi ziren Axunen etxeko ateraino. Tik-tak baten denak taxitik kanpo zeuden, maletak eta fardelak eskuan. Anttonek atean jotzeko imintzioa egin zuen, baina une horretan etxeko atea zabaldu zuten barrutik. - Ene, iritsi zarete! Hau kolore ederra dakarzue! Eta muttikoak, zein politak! – denei musua emanez– baina sartu, sartu denak barrura! Barrura sartu eta…. - Baina, baina… zein daude hemen! – Anttonek ustekabeak jota– Extanix eta Kontxita anaia-arreba berberak, eneee! Besarkadak eta musuak etengabe errepikatu ziren, eta izan, izan ziren malkoak guztien masailetan zirristan. - Baina Extanix, hi ez al hintzen Iruñean? – Anttonek. - Bai mutil, baina amak dei egin zidaan zuen etorreraren berri emateko eta berehalaxe hurbildu nauk. Beti bezala hago Antton, hiretzat urteak ez dituk pasatzen. - Txorakeriarik ez erran mutil, begira ezak nire burua, ipurdia baino soilagoa zaukaat – eta arrebari begiratuz– Eta hi Kontxita, ez al hintzen komentuan? - Bai Antton, zortzi urte zeramatzaat atera gabe, baina amak dei egin zidanean zuen etorreraren berri emateko, ama-nagusiari kontatu nioan eta berak ustekabean baimen berezia eman zidaan gaur hona etortzeko eta zuekin bazkaltzeko. Berak ekarri naik autoz honaino eta arratsaldeko lauretan kafea hartzera etorriko duk, ondoren zortziak aldean edo, ni Arizkunera berriro eramateko. - Zer zaukan, hik komentutik alde egiteko beldurra ala? – moztu zion Axunek, bertan zeuden guztion barreak eta algarak sortaraziz. Maletak eta fardelak logeletan utzi ondoren hor ibili ziren denak hizketan, harmonia ederrean. Bitartean, Axun sukaldean bazkaria egiten aritu zen. Kontxita alabak ez zion asko lagundu, badakizue moja-jantzia zikintzeko beldurra edo. Axun sukaldari ona izana zen, baina urteak ziren ez zuela horrelako bazkari handia prestatzen. Dena den, familia bilduta ikusteak indarberritu zuen eta hor ari zen jo eta ke sukaldeko zokoan. Senarra zenaren kaxatxoa bere aurrean jarri zuen, ohitura zuen bezala. Halako batean, eta nahigabean, mugimendu bortitz batez kaxatxoa lurrera bota zuen. Kankarreko handia izan zen eta horren ondorioz kaxatxoa zabaldu zen Fernantxoren errautsak sukaldeko zolan barreiatuz. Axun gaixoa! Hiru urtetan senarraren errautsekin paseatuz eta horrelakorik inoiz gertatu ez. Amorrua eta pena sumatu zituen bere baitan loratzen, baina familia bilduta zeukan, urte luzetan lehen aldiz, eta horrek gertatutakoa erlatibizatzen lagundu zion. Erratza eta pala hartuta zola eskobatu, errautsak bildu eta berriro kaxatxoan sartu zituen. Hori bai, tapakia guztiz txikituta zegoenez, jarri gabe utzi behar izan zuen. Zer eginen dugu, bada? – pentsatu zuen– Seme-alabak eta bilobak berriro joatean konpontzera eramanen dut. Axun konformidade handiko emakumea zen eta oraingoan ere, horrela erakutsi zuen. Gertakizuna nolabait ahantzi eta bazkariarekin jarraitu zuen buru-belarri. Ordu baterako, denak mahaiaren inguruan eserita zeuden. Ordurako Axunek bazuen dena prestatuta eta mahaian paratuta. Kontxitak, zeremonia handiz, mahaia bedeinkatu zuen. Huraxe zen denek itxaro zuten seinalea, eta otoitza bukatu bezain pronto, jateari ekin zioten gogo handiz. Axunek bere esku ona erakutsi zuen, berriro ere. - Hagitz goxoa ama! - Hau sukaldaria, hau! Horrelakoak zeuden denen mingainetan. Kafearen eta patxaranaren orduan, euskal kantuek solasari hartu zioten txanda. Hura giroa, hura buila! Axun sukaldera sartu zen zerbaiten bila eta denen harridurarako negar-zotinka, guztiz deskontsolatuta atera zen. - Baina ama, zer gertatzen zaizu orain? – galde egin zion Anttonek arras harriturik. - Ai ai ai…. bazkaria, ai ai ai! – erantzun zion Axunek negar malkoen artean. - Hagitz goxoa zegoen ama, hagitz goxoa! – erantzun zioten denek batera. - Bai, baina zuen aita, ai ai ai….! – Axunek. - Ama, uztazu orain aita lasai ederrean. Badakigu hemen, gure artean bizirik ikusi nahiko zenukeela… baina baita guk guztiok ere. Jaungoikoak berekin eraman zuen eta guk, errezatu, bertzerik ezin dugu egin – Extanix semeak. - Ai ai ai, ez da hori, aitaren errautsak, bazkaria…., ai ai ai, zer egin dut nik buru txar honekin? Ai ai ai…! – Axunek. - Zer diozu ama? – Anttonek, aztoraturik, aulkitik altxatuz eta berarengana joanez– Zer diozu bazkariaz eta aitaren errautsez? – mesfidati. - Ai ai ai, hau burua nirea! Hau nahastea! Ai ai ai! Goizean bazkaria paratzen ari nintzela kaxatxoa erori eta tapakia hautsi egin zaio. Nik lanean segitu dut eta orain konturatu naiz bazkarira Ezpeletako piper-hautsa bota beharrean zuen aita defuntuaren errautsak bota ditudala, ai ai ai, hau buru txarra nirea! Eta gainera kaxatxoan ez da ezer gelditu, nire senarrik gabe gelditu naiz betiko. Ai ai ai, hau atsekabea! Hori entzun bezain laster den-denak altxatu ziren supituki. - Hau nazka, gure aita jan dugu! Hau sakrilegioa! – oihu egiten zuen Kontxitak. - Komuna, non dago komuna, goitika egin behar dut eta! – Anttonen emazteak ahoa eskua estaliz. Dena zen garrasi eta desesperazioa Axunen etxean. Batzuk komunean eta arraskan zeuden oka egiten, besteak besaulkietan etzanda. Momentu horretan iritsi zen ama-nagusia kafea hartzera. - Baina zer da hau? Zer gertatzen da hemen? – Axuni begira. - Nire errua izan da ama-nagusia, bazkaria egitean piper-hautsa eta nire senarra zenaren errautsak nahasi baititut. - Eneee! Holakoa entzun behar! – aitarena eginez– Orduan zure familia osoa pozoitu duzu? - Nahi gabe izan da, nahi gabe. Eta zer eginen dut nik orain nire senarraren errautsik gabe? Norekin eginen dut solas? Ai ai ai! – Axunek. - Zer solas eta zer solasondo Axun! Erotu al zara? Hemen egin behar dena da anbulantziari deitu denak ospitalera eraman ditzaten. - Berorrek deitu beza! – erran zion hasperenen artean, besaulki batean etzanda zegoen Kontxita goitatuak. Ama-nagusiak egongelako bazter batean zegoen telefonoa hartu eta anbulantzia bat eskatu zuen. Hogei minutu barru etxeko atari aurrean zegoen eta ordu erdi bat beranduago denak Irunen, Bidasoaldeko ospitalean, guztiei sabel-garbiketa egiteko zain. Zorionez, ez zen ezer gehiago gertatu eta hogeita lau orduren bueltan denak Berara, Axunen etxera bidali zituzten. Lau egun beranduago Anttonek eta bere familiak Kaliforniarako hegazkina hartu zuten. Hegazkinean zeudela gertatutakoaren oroitzapenak trumilka zetozkion Anttoni, eta ezin zuen gertaera desatsegin hura burutik kendu. Bitartean, Bortzirietan, Berako etxean, Axun gaixoa paseatzen ari zen, egunero ohitura zuen bezala. Joxe Mariren ostatuan sartu eta bi txakolin eskatu zituen. Esku dardaratiz hartu eta basoak tik-tak batean zurrupatu zituen eguneroko erritualari jarraiki honakoa erranaz: Hire oroimenean Fernantxo! ARGALTZEKO BOTIKA BERRIA Aguxtina neska ederra zen, baina ederra kilotan, erraldetan hobeto esanda. Betidanik izan zen oso neska jatuna, jale ona, onegia sarritan, eta hori larrutik ordaintzen zuen, ehun eta hogei kilo inguru baitzituen. Hogeita hamabi urte zituen arren, zaharragoa zirudien eta bere bizimodua arrunt mugatua zeukan, gehiegizko kilo horiek ez baitzioten bakerik ematen. Langabezian zegoen eta nahiz eta ikasketen aldetik ongi prestaturik egon, petrokimikan lizentziatua izanik, oraindino ez zuen bere lehen lana lortu. Berarekin lizentziatu ziren guztiak, nahiz eta kalifikazioen aldetik apalagoak izan, lanean ari ziren zegoenekoz; bera zen lanik gabe zegoen bakarra. Kurrikuluma bidaltzean, edota telefonoz harremanak finkatzean leiho guztiak zabaltzen zitzaizkion arren, aurrez aurreko elkarrizketaren ordua iristean, beti atzera botatzen zuten, edozein argudio emanez, baina Aguxtinak ondotxo zekien zein zen benetako arrazoia: bere gainkarga. Hori zela eta, hamaika aldiz saiatu izan zen argaltzen. Hamaika dieta egin zituen irtenbide bila, baina ez zitzaion inoiz ongi atera. Behin Hong-Kong-etik etorritako mediku txinatar bat gomendatu zioten, eta diru dezente eman ondoren, akupuntura saioen bidez hogeita hamabost kilo galdu zituen. Haren poza! Baina hurrengo bost hilabeteetan galdutako guztia berreskuratu zuen, gehi hamar kilo gehiago. Hura desesperantza! Aguxtinak apetitu handia zeukan, ikaragarri handia, eta edozein otordutan bi edo hiru lagunek jaten zuten hainekoa sartzen zuen barrura. Gainera, beti goseak zegoen, eta ordurik errespetatu gabe, bere eskuetan erortzen zen guztia irentsi egiten zuen. Zenbat eta olio edo koipe gehiago, hobeto gainera. Askotan ohetik jaikitzeko zailtasunak izaten zituen eta bere ama-alargunak lagundu behar izaten zuen. Zazpigarren solairu batean bizi zenez, kalera jaisteko edota etxera igotzeko, igogailua zuen derrigorrezko tresna, baina hau ere estu samarra egiten zitzaionez gero, bereak eta bi igaro behar izaten zituen bertara sartzeko eta irteteko. Bizilagunak beldur zeuden berarekin batera igogailuan sartzeko eta nahiago izaten zuten itxoitea berarekin igogailuan bizitza arriskatzea baino. Gainera, Aguxtinaren zama zela eta, igogailua behin baino gehiagotan matxuratu egiten zen, eta zenbait bizilagunek protesta egiten zuten konponketaren faktura ordaindu behar izaten zutenean. Bere ohea berezia zen, eta sostenguko egitura eta hankak burdinazko piezez indarturik zeuden. Koltxoiak izaten ziren Aguxtinak zituen beste arazoetako bat, guzti-guztietan zulo ikaragarria, kraterra hobeto esanda, egiten baitzuen erdi aldean. Autoetako edota autobusetako ateetatik sartzeko larri-larri ibiltzen zen eta bere neurriko arropa erosteko zailtasun handiak zituen. Askotan amak egin behar izaten zion arropa neurrira. Behin, duela zenbait urte, bere ama Maddalenekin batera, Argentinara joan zen han bizi duten lehengusu baten ezkontzara, eta hegazkinean arazo larriak eduki zituen. Alde batetik, bi eserleku ordaindu behar izan zituen beretzat, eta bestaldetik, beste bidaikideen mesfidantzazko begiradak jaso behar izan zituen. Okerrena izan zen ekaitz batek hegazkina ozeanoaren gainean astindu zuenean, hor ibili baitzen goiti eta beheiti, bidaiarien beldurrezko garrasiak sortaraziz. Behera egiten zuen bakoitzean, beste bidaiari guztiek gorrotozko begiratuak zuzentzen zizkioten errua berea bailitzan; eta garrasi gehien egiten zuen emakumeetako batek ozenki esan zuen beste guztiak horretara animatu nahian edo: Hipopotamo hori hegazkinetik kanpora bota behar dugu, bestela denok akabatuko gaitu! Zorionez, hitz horietatik denbora gutxira atertu zuen, eta Aguxtinak bidaia bukatu ahal izan zuen, ozeanora paraxutaz jauzi egin gabe. Hura larrialdia, eneee! Beste behin, zaldiz ibiltzera joan zen bere lagunekin. Primeran pasa zuen, baina handik zenbait egunetara zalditegiko nagusiak dei egin zion telefonoz, zaldia, bera eramaten egindako gain-esfortzua zela eta, lehertu zitzaiola esanaz, eta okerrena, bere balioa eskatuz. Aguxtinak ez zion ordaindu nahi izan, noski, baina gizonak epaitegietara jo zuen eta azkenean, epaileak biak errudun jo zituenez gero, erdi bana pagatu behar izan zuten. Ez dago justiziarik! Aguxtina arrunt desesperatuta zegoen. Horrela ezin zuen jarraitu. Adiskideek Aguxtina izenaz deitu beharrean, Aguxpotamus deitzen zioten, eta honen bihotz potolo bezain sentiberak ezin zuen horrelakorik jasan. Aunitzetan bere buruaz beste egitea pentsatu bazuen ere, azkenean beti ideia hori baztertu behar izaten zuen arrazoi beragatik: nork ordainduko zuen bere gorputz lodikotea sartzeko beharrezkoa izango zen hilkutxa erraldoia? Bere ama gaixoa ez zegoen horrelako gastuetarako, eta berak, langabezian egonik, ez zuen aurreztutako sosarik. Beraz, beste zerbait pentsatu beharko. Horietako egun aspergarri batean norbaitek telefonoz dei egin zion. - Rinn, rinn, rinn! - Bai nor da? – galdetu zuen Aguxtinak telefonoa belarrian jarriz. - Aguxpotamus Kristina naun, zer moduz hago? - Orain arte ongi, baina bota didanan loreak ondoeza sortu zidan, lorea baino gehiago asto-kardabera baitzirudien. - Barka ezan Aguxtina, badakin ez dinadala intentzio txarrez egiten, jende guztiak horrela deitzen dinanez, niri tarteka ere, joan egiten zaidan. Barka iezadan, ez zunan nire asmoa hi iraintzea. Gainera, hi laguntzeko deitzen dinat. - Ni laguntzeko? Ederra izango dinat orain ere, seguru. Lagundu nahi izan hidan azkenekoan, larrutik ordaindu behar izan ninan. Hator neska, hator gurekin txalupaz ibiltzera, eguzkiak eta itsasoko haizetxoak on eginen dinate eta! – esan hidan, eta gero…. - Nik zer kulpa zaukanat hire kargaz txalupa irauli izanaz. - Txalupa irauli eta isun ederra ordaindu behar! – Aguxtinak, oroitzapen txar hark biziki aztoraturik. - Aguxtina ez gaitezen haserretu, oraingoan ez dinat uste antzekorik gertatzeko arriskurik izango denik, eta gainera hire bizitza beste bide batetik eramateko lagun diezanake. - Zer nahi dun orain, ni moja misiolaria sar nadin eta Afrikara beste hipopotamoekin batera bidal nazaten ala? - Ez izan txotxolo, neska! Nire lehengusina Mertxeri gertatutakoa kontatu nahi dinat. - Zein lehengusina? Nire itxurako neska hura? – Aguxtinak, harrituta. - Bai berbera – Kristinak, animosoago– Jakingo dunan bezala, ehun eta hamabost kilo inguru pisatzen zinan duela lau hilabete… - Bai eta? – moztu zion Aguxtinak jakin-minak xaxaturik. - Ba, orain, hirurogeita hamabi kilo, besterik ez din pisatzen. - Zer dion? Gaitzak harrapatu al du ala? - Ez, ez Aguxtina. Ezagutzen al dun herrira etorri den sendagile berria? - Nor? Txinatar akupuntura-egile hori dion? – Aguxtinak, igarotako esperientzia txarra oroimenetik kendu nahian. - Ez, ez, neska! Angulo doktorea – Kristinak, haserre itxuraz. - Eta zer egin dio sendagile horrek Mertxeri horrela argaltzeko, angulekin dieta bat eman ala? - Ez izan txolina Aguxtina, horrelako astakeriarik ez esan, bestela ez dinat deus kontatuko. - Ondo zagon, ondo zagon. Ez dinat gehiago moztuko. Segi, segi ezan! – Aguxtinak, bakea egin nahian. - Mertxe nire lehengusina hi bezain desesperaturik zegonan, dieta guztiak probatuta, akupuntura eginda, eta inolako itxaropenik gabe. Baina herri guztiak dakien bezala, bere bizilaguna den Beñardo tabernariaz gustatzen dun, baina horrelako flotagailuarekin ezin izan din inoiz hurbiltzeko ausartu ere egin. Azkenean, ezinezko amodio horrek bultzaturik eta bere lagun baten aholkuei jarraiki, herrira etorri den mediku berriarengana joan zunan. Honek, berak egiten dituen pilula batzuk eman zizkionan eta lau hilabetetan miraria egin dun. Orain Beñardorekin ateratzen hasi dun eta dagoenekoz ezkontzaren eguna finkatua zaukaten. - Eneee! Egia al da Kristina? Edo jostatzen ari haiz nirekin? - Egia Aguxtina, egia berdaderoa. - Emakidan bada, mediku mirari-egile horren telefono zenbakia eta oraintxe bertan deituko zionat. Hau da, hau! Hurrengo egunean, goizeko lehen orduan, kontsulta zabaldu bezain pronto, han azaldu zen Aguxtina Angulo doktorearenean.Gizon atsegina zen. Aguxtinak azaltzen ziona entzun ondoren, pilulen kaxatxo bat eman zion. Haren prezioa! Eskuan hartu bezain laster hotz-hotza zegoela sumatu zuen. Orduantxe medikuak esan zion: - Anderea, gorde ezazu beti kaxa hau hozkailuan, tratamendua bukatu arte, eta har itzazu bi pilula eguneko, bat bazkaldu ondoren eta bigarrena afalostean. - Eta dietarik ez al dut egin behar? – galde egin zion Aguxtinak, txol harriturik. - Ez, ez, ez duzu beharrezkoa. Hori bai, ogirik ez jan tratamendua egiten ari zaren bitartean, beti lagunduko dizu eta! – erantzun zion doktore jaunak. Aguxtina txoriak baino alaiago joan zen Angulo doktorearen kontsultatik. Egun berean hasi zen tratamenduaz. Egunetik egunera argalago, lirainago zegoen. Laugarren hilabeterako Mertxe baino argalagoa zegoen. Zegoenekoz, inork ez zion Aguxpotamus deitzen, igogailuan beste pertsonekin batera sartzen zen, eta mutilak berarekin erreparatzen hasita zeuden. Aguxtina poz-pozik zegoen, alegera oso, harro bere buruaz. Arropa berriak erosi zituen, eta kalean izterrak eta zilborra erakutsiz, azken modan, zebilen. Hilero bi kaxatxo erosten zizkion Angulo doktoreari. Inoiz, bere bizitza osoan, ez zuen tratamendu batean horrelako dirutza gastatu, baina emaitzak begi-bistan zeuden. Merezi zuen, nahiz eta horren garestia izan. Laugarren hilabetean zegoen eta erdi aldean azken kaxa erosi zuen. Behin, lagunekin hondartzara joateko korrika zebilela, bazkalondoko pilula mahai gainean ahantzi zuen. Arratsalde luzea izan zen, eguzki ederra zegoen zeruan eta hondartzan eman zuen denbora luze, hondartzan eta Joan Mari mutil-lagunaren besoetan. Etxera, gaueko hamarrak aldean itzuli zen. Dutxa beroa hartu zuen gesala gorputzetik kentzeko, eta afari-mokadua prestatzen hasi zen. Orduan ikusi zuen mahai gainean ahaztutako pilula, baina hura ustekabea! Pilularen oskola arraildua zen eta bertatik erdi aterata, zizare nardagarri (9) moduko bat. Hura nazka! Eta hori al zen bera irensten ari zena? Pentsatze hutsak goragalea eragiten zion. Koilara baten laguntzaz poto ttiki batean sartu zuen eta hurrengo goizean, atari ondoko botika-dendara eraman zuen. Bertako nagusia bere lagun handia zen. Horregatik, farmazian sartu bezain laster, potoa poltsatik atera eta mostradore gainean jarri zion horrela esanaz: - Egunon Maribel! Zizare nazkagarri hau topatu dinat Angulo doktoreak argaltzeko emandako pilula batean. Esango al hidake zer den? Begira iezaion ongi mesedez, ea ezagun egiten zainan. Maribelek Aguxtinak esan bezala egin zuen. Potoa eskuan hartu eta aztertzeari ekin zion plastikozko zipotz baten laguntzaz. Berehalaxe begiak zabal-zabalik jarri zitzaizkion eta totelka, eta nazka aurpegia jarriz, honela erantzun zion: - Aguxtina, ez didan sinistuko, baina ekarri didanan zizarea tenia edo bakartia dun!! ! SENDAGILE IRUZURTIA Denok dakigu zein gogo handiz jakin nahi izaten dugun gurasook zein den jaiotzear dagoen gure umearen sexua. Denok Berdin zaigu zer den! esaten dugun arren, gure bihotzeko sakon-sakonean honela diogu: Nik mutikoa nahiago!!! edota nik neska nahiago!!! Gaur erraz samarra badaukagu ere, ez zen horrela duela hogeita hamar urte inguru, eta orain kontatuko dizuedana orduan gertatu omen zen. Irunen ba omen zegoen jaio beharreko haurren sexua izugarri ongi igartzen zuen medikua eta Periko eta Margari senar-emazte gazteak berarengana joan ziren Margarik barruan zeraman umearen sexua jakin nahian. Perikok mutikoa nahi zuen eta Margarik, aldiz, neska, bere ahizpak uzten zizkion arropatxo guztiak arrosa kolorekoak zirelako. Kontsultan zeuden zain. - Aizu Periko, zuri zer iruditzen izango dela? - Nik mutikoa nahi dut, familiaren negozioan aritzeko. - Ba nik gustu handiz hartuko nuke neska polit bat, nire ahizpak utzitako arropatxoek ondo emango bailiokete. - Margari, ez kezkatu hainbeste arropaz, mutikoa bada, arropa urdina erosiko diogu eta kito! - Bai, badakit, baina arrosaz jantzitako neska bat nahiko nuke nire besoetan bularra hartzen. Momentu horretan atea zabaldu zen eta erizainak barrura sartzeko esan zien: - Sartu, sartu, zuen txanda da eta! Sartu eta sendagileak mahaiaren beste aldean esertzeko erregutu zien: - Eseri, eseri hemen! Margari eta Periko agindutako aulkietan eseri ziren eta medikua berehalaxe hasi zitzaien galdezka. - Beno, zertara etorri zarete? - Gure umea zer den jakitera – erantzun zion korrika eta presaka Margarik. - Ba hori aski erraza da. Etzan zaitez ohe horretan eta altxatu atorra auskulta zaitzadan. Margarik agindutakoa egin zuen eta sendagilea hor ibili zitzaion aurikularrak toki batean eta bestean jartzen. Zenbait minuturen bueltan honela esan zien: - Mutikoa da, mutiko bikaina! – eta hori esaten zien bitartean bere kontsulta-liburuan idatzi zuen: neska. Gero, Periko eta Margariri begiratuz, berriro esan zien– mutikoa da! Kalean zeudela Perikok arrunt tristea zegoen emazteari: - Garestia izan da oso, baina merezi izan du. - Bai, mutila dela esan digulako – Margarik, amorrua ezin disimulatuz. Hileak igaro ziren, Margarik arropatxo arrosak ahizpari itzuli zizkion eta horien ordez, beharrezko guztia urdin kolorekoa erosia zeukan. Kontuak pasatuta ziren baina umea ez zen etortzen. Egun hartan bero sargoria egiten zuen eta Perikok zinera gonbidatu zuen Margari. Zine-aretoa fresko-fresko zegoenez, Margari eta Periko oso gustura egon ziren filma ikusten. Arropa arinarekin eta espartinekin zeuden biak. Ateratzean oinez abiatu ziren etxe aldera. Bat-batean, urrutiko tximistak eta trumoiak hasi ziren, eta berehala gainean zeukaten udako ekaitz handi horietako bat. Euria gogotik bota zuen bost bat minutuz eta gero eguzkia itzuli zen. Margari eta Periko blai zeuden. Horietako batean: - Badator, badator… Periko badator! - Zer esaten duzu Margari? - Trumoiak haurra deitu duela eta urak botatzen hasita nagoela – Margarik, guztiz nerbiostuta. Eskerrak taxi bat handik pasatzen zela, gelditzeko keinuak egin zizkioten eta berehalaxe ospitalera iritsi ziren. Ordu erdi bat beranduago Periko eta Margari guraso ziren. - Baina, baina… neska da! – Perikok, guztiz harriturik. - Ai ama, ai ama! eskatu beharko dizkiot, berriro ere, arropatxo arrosak nire ahizpari! – Margarik, txoriak baino alaiago. Baina Periko ez zegoen bat ere konforme gertatutakoaz, eta hurrengo egunean sendagilearengana jo zuen azalpen bat eskatzera. Bere kontsultan sartu orduko gertatutakoa kontatu zion haserre asko. Sendagileak bere kontsulta-liburua zabaldu zuen, egindako bisitaren datan begiratu, eta gero Perikori erakutsi zion irakur zezan. - Zer idatzi nuen nik hemen? Irakur ezazu mesedez! Eta Perikok,sendagileak esan bezala, irakurri zuen: - Neska, neska!! ! PINTXO GOXOAK Ostiral ilunabarra zen eta ostiralero egiten zuten legez, lagun koadrila trukean ari zen herriko ostatuan. Asier eta Ander Koldo eta Iñigoren aurka. Bizpahiru partida egin ondoren kafea eta koparen tenorea iritsi zitzaien. Momentu horiek izaten dira hitz egiteko onenak, kontu zaharrak astintzeko bidea ematen dutenak, eta ostiral ilunabar hartan horrela gertatu zen. Iñigo berritsua izan zen hitz aspertuari abiapuntua eman ziona. - Ba al dakizue behin, Iruñeko San Ferminetan gertatu zitzaidana? - Oraindik ez, baina segituan jakinen dugulakoan nagok! – Asierrek, purua ahotik kenduz. - Bai motel, konta iezaguk, seguru hire xelebrekerietako bat izanen dela. Konta ezak motel! – Koldok, kopaxka ezpainetara eramanez. - Bai, konta ezak Iñigo, konta ezak! – Anderrek, Iñigok kontatzen ohi zituen kontuetako bat entzun nahian– Tira, tira, bota ezak! Eta horrela, bere lagunek bultzaturik, hasi zen Iñigo kontu-kontari, tarteka koñaka ahora eramanez. - Badakizue urtero San Ferminetarako Iruñera joaten naizela, eta han ibiltzen naiz goizez entzierroz entzierro, arratsaldez tabernaz taberna eta gauez neskaz neska, horixe izaten da urtero egiten dudan plana. - Nahi bai! – bota zion Asierrek irribarretsu. - Nahi eta egin, Jaungoikoa dagoen bezala! – zuzendu zitzaion Iñigo haserre antzera. - Bai motel, hik segi ezak kontatzen, sinisten diagu eta! Koldok istorioa aditu nahian. - Hik segi! – Asierrek– egia baduk kontatzekoa daukaana ongi, eta hire asmakizuna baldin baduk, okerrago hiretzat! Guk berdin-berdin adituko baitiagu. - Aizue, zuena inbidia, besterik ez da, lauon artean ni izaten bainaiz gehien ligatzen duena! – Iñigok, bere burua defendatu nahian. - Afanoso halakoa! – Koldok– Agian ederrena hi izanen haiz, agian, baina gehien ligatzen duena…! Hori beste fandangoa duk! - Hara, oraintxe atera dituk Koldoren fandangoak! – Iñigok– baina zer fandango eta zer fandango-ondo. Nik San Ferminetan behin gertatu zitzaidana kontatu nahi dizuet, besterik ez! - Tira, tira bada! Sobera dakik txantxetan ari garela. Ez hadi haserretu! – Anderrek, bakea eginez. – Beno, berriro lehengo kontura itzuliz – Iñigok, lehen baino gogo handiagoz– San Ferminetan nengoen gau bero haietako batean, neska ilehori eder bat ezagutu nuen. Suediarra zen, eta bero-bero eginda zegoen. Susara zegoela zirudien eta ni bezalako arra bilatzen zuen bere gosea asetzeko. - Bai hire piura ikusita! Kar-kar-kar! – moztu zion Koldok, barregura ezin kontuz. - Ez hadi hasi astapito hori! Utz iezadak bukatzen! – Iñigok, atzamarren artean zeukan purua amorrazio handiz estutuz– Bai ba, bero-beroa zegoen eta bere hotelera gaua pasatzera gonbidatu ninduen. Hura zen behor-puska, hura! Ni, zuek ederki dakizuen bezala, ez naiz inoiz neskak zain uzteko gai izan, eta gehiegi pentsatu gabe baietz esan nion. Eskutik helduta hotelera eraman ninduen. Hotelak bost edo sei izar zituen. Hura luxua! Bere gelan geundela, ohean etzan ginen. Hasieran arropa kentzen hasi bazitzaidan ere, laster, nire harridurarako, bere gorputz atalak kentzeari ekin zion. Begi bat kendu zuen lehendabizi, kristalezkoa omen, eta ondoren bularretakoa eranztean, bular ortopedikoak zituela ikusi nuen. Funtzioan hasi aurretik, eroso jartzea gustatzen zait! – ez zidan esan ba! Nik hura ikusirik, ordurako erantzita nituen prakak berriro jantzi eta azkar baino azkarrago, gelatik alde egin nuen. Neska nire atzetik abiatu zen Itxoin, itxoin!!! esanaz, baina nik ziztu bizian ihes egin nuen gela hartatik. - Kar, kar,kar! – lau lagunak barrez. - Ba, istorio honek niri beste bat ekarri dit gogora! – esan zuen Asierrek– Kontatuko dizuet. Behin Donostiako taberna batean lagunekin txakolin bat edaten ari nintzela, hiru neskazahar ikusi nituen mostradore aurrean zerbait hartzen ari zirenak. Barra pintxoz beteta zegoen, Donostian bakarrik jartzen duten bezala. Han bazen denetik: txaka, entsalada, antxoilak… Hura edertasuna! Nesketako bat itxuraz txisteak kontatzen ari zen, eta beste biak, berriz, gogotik barre egiten. Halako batean, kontatzen ari zen txistea oso ona izan zen nonbait, eta beste biak barrez lehertzen hasi ziren. Hura buila! Horretan ari zirela, horietako neska bati ordezko hortzeria ahotik irten eta entsaladilazko pintxoz beteta zegoen azpil batera erori. - Hori nazka, Asier! – hiru lagunek, higuin keinuak eginez. - Taberna jendez gainezka zegoen arren – jarraitu zuen Asierrek– momentu hartan isiltasun handia egin zen. Denak begira zeuden. Zerbitzariak biziki haserretu ziren eta nagusia zenak, arrunt asaldaturik, azpilean zeuden pintxo guztiak ordaindu behar zizkiotela azaldu zien. Baina, bai zera! Neskazaharrak ez zeuden horretarako prest. Istripua izan zela zioten eta azkenean, bat ere ordaindu gabe aldendu ziren. Zerbitzariek, hagitz haserre, azpila hartu eta barrura sartu zuten. - Ondo egina! – moztu zion Anderrek. - Ixo, ixo Ander, istorioa ez duk hemen bukatzen! Ni han egon nintzen ordubete inguru, Ixiar neskalagunaren zain bainengoen, eta kontu hau benetan nola bukatu zen ikusi nuen! – Asierrek. - Segi, segi! – hiru lagunek, bukaera jakin nahian. Asierrek segitu zuen. - Gertatutakoa ikusia zuten bezeroetatik ni bakarrik gelditu nintzen. Ordubete hartan bezeroen emaria, hau da, joan-etorria etengabea izan zen eta tabernak beti jendez mukuru jarraitu zuen. Jende zurrunbilo horretan, ederki ikusi nuen nire begi bi hauekin, nola zerbitzarietako batek lehen erretiratutako azpila berriro atera zuen mostradore gainera. Berehalaxe esku bat hemendik luzatu zen, bestea hortik, eta horrela bete-betea zegoen azpil hura zamaz husten joan zen, guztiz hutsik gelditu zen arte. - Hau nazka! – hiru lagunek. - Badakizue, ikusten ez duten begiek ez dutela sentitzen! – Asierrek, bere istorioak lagunengan eragindako higuinaz pozik. - Bai, hala duk, hala duk! – hiru lagunek. - Ba, nik badaukat beste istorio bat kontatzeko, eta ez makala gainera! – esan zuen Koldok txanda hartuz. - Aurrera, aurrera Koldo! Konta ezak! – hiru lagunek aurreko istorioak tripetan sortutako ondoeza ahantzi nahian. - Badakizue ni ez naizela Iñigo bezain polita eta ligontzia, baina tarteka ere badakit nesketan ibiltzen. - Kar,kar, kar! – denek. - Behin, Doneztebeko Bordatxo diskoteka famatuan nengoela, dantza eskatu nion bertan ikusi nuen neska eder bati eta berak eman egin zidan. Nire garaiera zuen, gutxi gora-behera. Dantza ezti bati lotu gintzaizkion, biok pega-pega eginda, eta horrela ari ginen goxo-goxo dantzan. Halako batean, handitzen, handitzen, handitzen hasi zen, niri buru bat inguru atera zidan arte. Nik, nire artean: Baina zer da hau? Ez nuen hura konprenitzen. Gero, ttikitzen, ttikitzen, ttikitzen hasi zen, ni baino askoz ttikiago gelditu zen arte, eta gero danba!!! Soinu bat entzun nuen, neska hura erori bezala egin zen eta nire besoetan gelditu. Lurrera begiratu eta han ikusi nuen zurezko hanka bat luze-luze botata. Kiribil moduko bat bazuen bere goiko aldean, eta badirudi, dantza egitean askatu egin zitzaiola eta azkenean erori. - Hori porrua sartu nahi diguana! – esan zion Iñigok modu txarrean– Hori sinesteko ikusi beharko litzateke! Eta Koldok orduan fite erantzun: - Bai hire neska suediarraren kristalezko begiaz!! ! AUTO-STOPeko MOJAK Sor Inex oso pozik zegoen komentuko ama-nagusiak berarengan jarritako konfiantza zela eta. Gazte samarra zen, hogeita bost urte besterik ez, eta gida-baimena atera berria zuen. Horregatik ez zuen inolaz ere espero berari eskatutako zerbitzua, Sor Bernardina hirurogeita hamabi urteko ahizpa zaharra eraman behar baitzuen Iruñeko komentutik Donostiako ospitalera, On Paulino sendagileak ikus eta senda zezan. Bi aste zeramatzan beherakoa ezin moztuz, eta Arrosario Sainduko mojek itxaropena aipaturiko medikuarengan jarrita zeukaten. Badaezpada ere, pixontzi ederra zeramaten maleta-ontzian premia etorriz gero Sor Bernardinaren beharrei aurre egin ahal izateko. Bere eskuinean, kopiloto gisa, Sor Blanka zihoan, hogeita hamazazpi urteko moja sendo eta bizkorra, eta atzeko eserlekuan Sor Bernardina eta bera zainduz Sor Margarita, berrogeita bi urte egin berriak zituen moja alegera eta pinpirina . Sor Inexek erretrobisoretik biak kontrolatzen zituen. Ene, orain ere, Sor Margaritak ezpainak pintatu ditu! Lady Di baino okerragoa daukagu!! ! Sor Inex pozaz gainezka zegoen bolanteari helduta. Ongi gidatzen zuen. Arrosario Sainduko mojak klausurakoak ziren eta gutxitan irteten ziren kanpo aldera, horrelako zerbitzu bereziak egitera ez bazen. Araudi estu-estua zeukaten eta horregatik lauak abitu zuri-nabarraz jantzita zeuden, eta burua ongi estalita. Biziki eguraldi ederra egiten zuen eta eguzkiak indar handiz berotzen zuen. Lau mojak izerdi patsetan zeuden. - Hau beroa! Hau beroa! – errepikatzen zuen, behin eta berriro, Sor Bernardinak– Zurbil- zurbila zegoen eta bere aurpegi akituan ondoeza nabari zen. - Hobeto Sor Bernardina, horrela Euskal Herriko zelai eta mendi berdeak lasai ederrean ikus baititzakegu – erantzun zioten besteek, halako ateraldiak eskainitako aukeraz gozatuz. Belateko tunela igaro berria zeukaten eta aitzina zihoazen, ttipi-ttapa, ttipi-ttapa... betiro hirurogeitik pasa gabe. Auto guztiek aurreratzen zituzten, baita kamioiek ere. Pasatzean, zenbaitek lore ederrak eskaintzen zizkien garrasi ozenen artean: - Geldi zaitezte komentuan, bidean traba, besterik ez baituzue egiten!! ! - Ez al dakizue lasterrago ibiltzen? Asto zaharra baino lasaiago zoazte! Baina Sor Inex ez zen asaldatzen. Berak eskaturiko zerbitzua bete behar zuen ahalik eta modurik onenean, eta ezin zuen eroaren gisa ibili, Sor Bernardinaren eta beste bi ahizpen bizitza arriskatuz. Tarteka, beste gidarien loreak kardabera baino zakarragoak zirenean, erantzuten zien haserre eskuineko eskuaren hatz erakuslea tentetuz. Beste batzuetan, horrelako garrasi eta bozina-soinuak ez entzuteko “Aita Gurea” kantatzen zuten lauek batera, Easo Abesbatzaren antzera. Hura zen giroa lau mojatxoek euren renault-5 zurian zeramatena, alafede! Bat-batean autoa jauzika hasi zitzaien. - Zer da hau Sor Inex? – galdetu zioten beste hiru mojek arrunt izuturik. - Ez dakit, ez dakit! – erantzun zien ikaraz beterik– Badaezpada ere, eskuin aldeko zabaldi horretan aparkatuko dut. Esan eta egin, zabaldian aparkatu zuen autoa gelditzen zitzaien momentu berean. - Eneee! Aitaren izenean! Gasolina hartzea ahantzi dut! – bota zuen Sor Inexek hasperenen artean. - Hau burua Sor Inex? Eta orain zer eginen dugu? – galdetu zion sobera haserre Sor Blanka kopilotoak. - Auto-stop! zer eginen dugu bada? – gehitu zuen Sor Margaritak ezpainetako irribarrea galdu gabe. - Ixo, ixo Sor Margarita! Nola eginen dugu auto-stop telebistan ikusten diren gauzekin? – erantzun zion fite Sor Blankak– Eta gainera zure ezpain pintatu horiekin gizonak probokatu, besterik ez dugu egingo. Horixe falta genuen! - Ba egin, egin beharko dugu, bestela iluna gainera etorriko zaigu eta lo hemen egin beharko dugu, zabaldi honetan! – moztu zien Sor Inexek. - Eneee, hori ez! Ezta pentsatu ere! – bota zuen Sor Margaritak nazka aurpegia jarrita. - Sor Inexek arrazoia du! – moztu zuen ordura arte isilik egondako Sor Bernardina zaharrak– Zoazte Sor Blanka eta Sor Inex auto-stop egitera, eta hemen geldituko naiz ni Sor Margaritarekin, ezpain pintatu horiekin gizonezkoen lizun-grina piztu ez zezan! Ale, zoazte lehenbailehen iluna etorri aurretik! Sor Inex eta Sor Blanka biribiletik atera eta errepidearen izkina batean jarri ziren auto-stop egiten. Halako batean opel-cadett bat gelditu zen euren parean. Gidaria ibilgailutik irten eta beraiengana joanez galdetu zien: - Zer duzue? Matxuraren bat? - Ez jauna! – erantzun zion Sor Inexek, gorri-gorri eginda eta barnean sentitzen zuen lotsa ezin gordez– Gasolinarik gabe gelditu gara. - Horregatik bada ez kezkatu, nik gasolina-ontzia bete-betea baitaukat. Zenbait litro emanen dizkizuet eta gero bi kilometro barru dagoen gasolindegian beteko duzue zuena. - Hau poza! Hau poza! – errepikatzen zuten bi mojek batera– Eskerrik anitz Jaungoikoa, gure otoitzak entzuteagatik! - Baina.... – segitu zuen beste autoko gidariak– ez daukat inongo botilarik. Eta zuek? - Ezta ere! – ihardetsi zioten penaturik bi mojek– Baina, itxoin, badaukagu baliagarri izan dakigun zerbait. Itxoin, itxoin pixka bat! – esan zuen supituki (9) Sor Inexek. Renault-5 aldera abiatu zen korrika batean eta bertatik Sor Bernardinaren pixontzia ekarri zuen eskuan. - Balio al du? – galdetu zuen. - Balioko ez du bada! – erantzun zion opel-cadetteko gidariak bere harriduratik ezin atereaz. Pixontzia gasolinaz bete ondoren renault-5 aldera eraman zuen gasolina-ontzian botatzeko. Baina Sor Inexek pixontzia eskuetatik kenduz honela esan zion: - Eskerrik asko, baina ez kezkatu gehiago gutaz, gelditzen dena guk egingo dugu. Mila esker! Opel-cadetteko gidariak, mojak agurtu ondoren, bere autoa piztu eta aurrerantz abiatu zen. Orduan hasi ziren lau mojak pixontziko gasolinaz euren erregai-ontzia bete nahian. Pittinka-pittinka ari ziren, tantarik ez galtzearren. Bat-batean, kamioi urdin handi bat pasa zen euren ondotik. Kamioilariak, lau mojatxoak pixontziarekin gasolina-ontzia betetzen ari zirela ikustean, begiak ongi igurtzi zituen. Ezin zuen ikusten ari zena sinistu. Horregatik, burua leihotik atera eta garrasi bizi batez honela esan zien: Hori fedea, hori!! ! BUTANO-BONBONEN ATSO LAPURRA Aitor izena dut, ezkonduta nago eta hiru seme-alaben aita nauzue. Lehen gure gurasoen baserrian bizi ginen baina Marisol nire emazteak Donostiara joan nahi zuen bizitzera, eta horrela egin genuen diru kopuru polita bildu genuen bezain laster. Horrelaxe mendi aldean bizitzetik Amaraberri donostiar auzoko dorre batera aldatu ginen. Marisol pozez txoratzen zegoen, alaba poz-pozik egunero hondartzara joaten zelako, bi mutilak txoriak baino alaiago bertako futbol talde batean sartu zirelako, eta ni, zer nahi duzue esatea? baserrian nahiago nuen mila aldiz eraikintzar hartan baino; baina iritzi horretan bakarra nintzenez gero, familiaren nahia onartu behar izan nuen. Horri demokrazia deitzen diote, hau da, gehiengo batek horrela nahi duelako, denok galtzen atera behar. Hau komeria! Gure etxeak hamaika solairu ditu, eta gu hamargarrenean bizi gara, zerua ukituz. Hau panorama! Dorreak, dorreak eta dorreak nonahi. Hori bai, urrutitasunean Artzain Oneko katedralaren dorrea ikusten dugu telebista-antena askoren artean. Solairu guztietan lau etxe-bizitza daude. Behin, gure dorrean bizi garenon kontatzeari ekin nion eta ikaratuta gelditu nintzen, gure herri osoan baino jende gehiago bizi baita. Ezker-eskuin denetik daukagu, jende jatorra eta jende zaputza, igogailuan eguraldiaz hitz egiten dutenak eta mutur luzea jartzen dizutenak, euskaldunak eta erdaldunak…. Gure ezkerrean familia bat bizi da, senar-emazteak eta bi seme, euskaldunak eta jator samarrak. Eskuin aldean, berriz, amona alargun bat, euskalduna baita ere, baina aski zaputza; inoiz ez digu hitz egiten eta badirudi azken irribarrea lehen jaunartzearen egunean egin zuela, bere gurasoek sekulako panpina ederra oparitu ziotenean. Orduz geroztik, ahantzi samarra dauka behar fisiologiko hori. Senarra igogailuko zulotik erori omen zitzaion, baina mihi gaiztoek diotenez, berak goxo-goxo bultzaturik. Etxean terraza ederra daukagu eta hor egoten da Marisol, luze-luze etzanda bere hamaka berdean, sugandilen modura, eguzkiaren izpiak ateratzen diren guztietan. Gure solariuma izateaz gain, biltegia ere bada, bertan zabalik dagoen zurezko etxolatxo batean, butano-bonbonak gordetzen baititugu. Terrazak ezkerraldean muga egiten du familia jatorraren terrazarekin eta eskuinaldean amona zaputzarenarekin; bi aldeetako muga metro bat inguru duen murrua izaki. Ezkerraldeko familiarekin ez dugu inolako arazorik, baina eskuinaldeko amonarekin munduko guztiak eta bost, gaiztoa eta zitala baita, oso. Egun osoa ematen du terrazan kuxkuxeatzen horretarako propio duen largabistaz. Aunitzetan harrapatu dut mugarri dugun murruan igota guri begira. Ez dauka lotsarik! Hor egoten da senar zenduari zor dion lutua dela eta, beltzaz jantzita, lepotik zapatiletaraino. Euskal sudur luze eta zorrotza dauka, begi ilun biziak eta ilea atzeko aldean bilduta txirikorda handi batean. Herio bera dirudi. Guri begira egon ez zedin, Marisolek alimaleko lorontzia ipini zuen murru aurrean. Ederra zen eta palmondo itxura zuen. Ederra zela diot, ez zuelako bi hilabete egin, amonak botatzen zion gatza zela eta, berehalaxe ihartu baitzen. Eta gure haurrek buila egiten zutenean okerrago izaten zen, kortxoak edota harrapatzen zuen guztia botatzen baitzien isil zitezen. Sorgin gaiztoa zirudien. Eta okerrena zaborrarena zen! Etxeko zaborra poltsetan sartzen genuen eta ilunabarrean kalera jaitsi, horretarako udalak propio markaturiko tokira. Baina amona, goiz samar oheratzen zen antza, eta bere zaborrak, poltsarik gabe, noski!, egunero botatzen zizkigun gure terrazara guk bildu eta jaitsi genitzan. Askotan ez botatzeko erregutu genion arren, berak entzungorrarena egiten zuen, eta egunero-egunero hor izaten genituen bere zaborrak gure terrazan. Hura ez zen giroa, baina han bizi behar! Harridura handiz konturatu ginen butano-bonbonak erdi hutsak, edota guztiz hutsak askotan, edukitzen genituela. Hasieran, gure ohitura faltari egotzi bagenion ere, segituan ikusi genuen hor bestelako misterioa zegoela. Guk ostiralero bi bonbona eskatzen genituen, bete-beteak ekartzen zizkiguten, etxolan utzi, eta iganderako, guk erabili gabe, hutsik egoten ziren. Eta horrela hilak joan eta hilak etorri. Hura Koka-kolaren misterioa baino handiagoa zen. Ezker-eskuineko bizilagunek ere, etxola banatan gordetzen zituzten euren bonbonak. Baina nork aldatzen zizkigun gureak? Amonak ote? Ezin genuen sinistu, baina norbait izatekotan berak izan behar lapurra. Nor bestela? Josetxo lagunak kamera ttiki bat eskuratu zidan eta terrazan ezarri genuen misterioa argitzeko asmoz. Ostiral hartan bi bonbona eskatu genituen eta terrazako etxolan gorde, ostiralero egiten genuen legez. Iganderako, guk erabili gabe, huts-hutsik zeuden. Kamerak grabatutakoa begiratu genuen eta argi eta garbi ikusi genuen nor zen lapurra: eskuinaldeko amona zaputza. Hor, grabazioan, ederki ikusten zitzaion bere arropa beltzaz jantzirik, eta lepo gainean bonbona hutsa zekarrela murrua gure aldera pasatzen. Gero, butano hutsa gure etxolan utziz eta betea hartuz, operazio bera egiten zuen bere terrazara itzultzeko. Eta segituan, denbora galdu gabe, gauza berbera errepikatzen zuen bigarren aldiz, gure bigarren bonbona betea ebasteko. Hura bai andre miserablea! Marisol izugarri haserretu zen hura ikustean eta ertzainei dei egin nahi zien. Nik, berriz, esan nion onena zela hurrengo aldian, zelatan egotea, eta lapurtzen ari zela terrazara atera eta amona butano-ohoina harrapatzea. Azkenean, konbentzitu egin nuen, eta horrela egitea erabaki genuen. Hurrengo astean, ohikoa egin genuen. Bi bonbona eskatu, bete-beteak ekarri zizkiguten eta horrelaxe ipini genituen terrazako etxolan. Ilunabarrean, bi semeak oheratu ondoren, etxeko argi guztiak itzali eta gure logelan ezkutatu ginen zelatan. Marisolek pertsianaren zirrikitu batetik begiratzen zuen etengabe. Handik ordu erdi batera, grabazioan ikusitakoa errepikatzen hasi zen. Eskuinaldeko amona bonbona huts batekin lepo gainean, murrua saltatu eta gure terrazara pasatu zen, eta gero, etxolara hurbilduz bere bonbona hutsa utzi zuen eta gureetako bete bat hartu. Momentu horretan, amorrua ezin kontuz, gelatik terrazara irten ginen eta… Lapurra, lapurra, utzi gure butanoa!, hasi gintzaizkion garrasika. Baina amona kikildu beharrean, bonbona betea lepoan jarriz, murrua igotzen hasi zen bere terrazara pasatzeko. Guk, bere atzetik, garrasi egiten genion: - Lapurra, lapurra, utz ezazu gure butanoa! Utzi gure butanoa! Gure garrasiek urdurituta edo, ez zuen terrazaren beste aldera pasatzeko egin beharreko jauzia ongi kalkulatu, eta butanoa eta guzti, kalera amildu zen. Hamar solairuak ziztu bizian jaitsi zituen, eta aparkaturiko auto baten gainera erori zen. Eztanda ikaragarri batek auzoko bizilagun guztiak esnatu zituen. Suhiltzaileek, lan nekoso baten ondoren, sugarrak itzali zituzten. Eskerrak ez zuela azpian inor harrapatu! Kaleko zolan egindako krater handiaren barruan auto kiskaliaren arrastoen artean amonaren zenbait gorpuzkin aurkitu zituzten. Orduz geroztik, hilabete pasatu da eta kalean eztandaren bidez egindako kraterra dagoenekoz estalita daukate. Gure eskuinaldeko etxebizitza salgai dago eta gu lasai ederrean bizi gara, inork ez baitigu butanoa osten, ez zaborra gure terrazara botatzen, eta ez gure intimitatea largabistaz urratzen. Nik oraintxe ikasi dut kaleko bizimodua bere neurrian preziatzen. ERDI EUSKALDUNAK Aita Jaxinto Erkizia misiolari euskalduna zen eta bere fede-lana egitera Afrika Beltzeko kostaldera bidali zuten. Bera poz-pozik joan zen, horixe baitzen duela urte luze itxaroten zuen aukera bere kristau-grina bideratzeko. Horrelaxe, Sondikako aireportutik abiatu zen eta beste zenbait hegazkin hartu ondoren, kanaberaz egindako baltsa moduko batean iritsi zen zegokion Bunbha-Dunbha izeneko misiora. Iristerakoan, bertako guztiak, ehun bat beltz alegia, atera zitzaizkion hondartzatxo batera ongi-etorri beroa ematera. Gehienak, bai gizonezkoak eta bai emakumezkoak, erdi biluzik zebiltzan, eta Aita Jaxintok, arrunt eskandalizaturik, errezo santuari ekiten zion behin eta berriro, misioko beltz basati horien alde, Jaungoikoak promiskuidade hura barka ziezaien. Baltsatik jaitsi bezain pronto, ingeles txarrean mintzo zen aitona kaskazuri bat hurbildu zitzaion eta lorez egindako lepoko bat jarri zion sama inguruan. Beste inork ez zekien ez ingelesez, ez frantsesez eta ez euskaraz. Hizkuntza zibilizatu batez hitz egiteko betarik izango ez dudanez gero, beraiena ikasi beharko dut Jesukristo gure Jaunaren mezu santua zabaltzeko! – pentsatu zuen Aita Jaxintok bere barnerako. Eta berehalaxe hasi zen lan horretan, Dongo-Dongo izena zuen aitona kaskazuriaren laguntzaz. Bost hilabete jende haien artean egin ondoren, aski ongi moldatzen zen beraien mintzairaz, gauza normalak eskatzeko edota oinarrizko ekintza eta mugimenduak adierazteko. Haatik, aunitz falta zitzaion oraindino, meza santua edota predikuak beraien hizkuntzaz egin ahal izateko. Dena den, Aita Jaxinto burugogor samarra zen eta bere lana ondo egiteko helburua zuenez, temati ekiten zion bere parrokiakoen hizkuntza ikasteari. Urtebete egin baino lehenago, dezente gehiago ulertzen zien, eta horrela, emeki-emeki, beraien tradizio, ohitura eta ipuinak bereganatu zituen. Bere dotrina-jardueraz gain, bazuen beste zeregin bat, duela hogei bat urte, euskal misiolari talde batek misioa ireki zuen, eta horrela aritu ziren bospasei urtetan, baina bat-batean, misterio handiz, desagertu ziren inolako arrastorik utzi gabe. Gotzainak Aita Jaxinto bidali zuen Bunbha-Dunbhara bi helbururekin, lehena misioaren kargu hartzea, eta bigarrena galdutako misiolarien aztarnak aurkitzea. Lehen helburua aski lortua zuela iruditu zitzaionean, bigarren helburuaren atzetik, desagertutako euskal misiolarien peskizan alegia, hasi zen. Oraindik ez bazen beraiek bezain ongi mintzatzen bertako hizkeraz, aski maila polita zuen komunikatzeko eta horrela galdezka hasi zitzaien. Inork ez zion inoiz pistarik eman. Harritua zegoen oso. Zer edo zer gordetzen al zioten? – pentsatzen zuen maiz desagertutako misiolarien inguruan egiten zen isiltasunaz arras harriturik. Azkenean, Dongo-Dongo kaskazuriaren mihitik pistatxo bat atzeman zuen. Misioan sei urte egin ondoren, euskal misiolariek jakin zuten ibaiaren barne aldera jarraituz, bazela beste herri bat benetako Jaungoikoaren izena ezagutzen ez zuena, eta zenbait kanoatan harantz abiatu ziren. Inoiz ez ziren itzuli. Beltz horien izenaz galdetu eta Dongo-Dongok horrela erantzun zion: erdi euskaldunak! Aita Jaxintok harridura handiz entzun zuen aitona kaskazuriaren erantzuna. Berriro galdetu, eta berriro ere, erantzun bera jaso zuen: erdi euskaldunak! Eta orduan ulertu zuen gure misiolariak Dongo-Dongok esan nahi ziona. Hura bekatua! Misiolari haiek beltz haien emakumeekin harremanak izango zituzten nonbait, eta ondorengoak erdi euskaldunak ziren, noski! Aitarena sei edo zazpi aldiz egin ondoren, gogoetari ekin zion. Desagertutako bost misiolarien artean hiru, Aita Laurentx, Aita Joxe Ramon eta Aita Iñazio aski gazteak ziren, eta noski sei urte lur basati haietan eman ondoren, bertako emakumeen biluztasunak erakarrita, bekatuan eroriko ziren. Hura zen, hura! Eta berak zer egin behar zuen? Dena estali eta inori ezer esan ez, edo erdi euskaldun horiengana joan, misiolari ohiekin hitz egin, eta egi osoa gotzainari jakinarazi? Asko pentsatu ondoren, bigarren aukerari ekitea erabaki zuen. Kanoa bat prestatzeko agindu zuen eta sei arraunlari gazteren laguntzaz Duluma-zuli ibaia egiteari ekin zion. Ibaia oihan tropikal baten barruan zabaltzen zen eta bi ertzetako landaretza ikaragarri basa eta oparoa zen. Egunez eguzki handi batek bazterrak kiskaltzen zituen, eta gauez animaliek sortutako zurrumurru ozen batek belarriak gortzen zizkien. Horrela egin zituzten lau egun eta lau gau. Azkenean erdi euskaldunen herrixkara iritsi ziren. Hauek guztiz beldurgarriak ziruditen. Larru bizirik ibiltzen ziren denak, bai gizonezkoak eta bai emakumezkoak, eta apaingarri gisa zulo batetik bestera sarturiko hezur bat zeramaten sudurrean. Beste hizkuntza batetaz mintzo zirenez gero, Aita Jaxintok ez zien tutik ere ulertzen, baina eskerrak arraunlarietako batek bazekiela beraien hizkeraz mintzatzen eta horrela elkarrekin komunikatu ahal izan ziren. Luzeak ziren oso, beltz-beltzak eta ez zekiten hitz bat ere euskaraz. Arraro samarra ezta? Ez al ziren erdi euskaldunak? – pentsatzen zuen Aita Jaxintok– eta gainera, gizon haiek beltz samarrak iruditzen zitzaizkion euskal misiolarien ondorengoak izateko. Beraietako batek atzetik joateko agindu zien, eta horrela kanoak ertzean loturik utziz, erregearen txabolara eraman zituzten. Erregeak poz handiz ikustatu zituen eta bere aulkitik altxatuz zimiko bat eman zion misiolariari ipurdi masailean. Beste espaloikoa ote? – pentsatu zuen Aita Jaxintok gertatzen ari zitzaionaz eskandalizatuta. Beraien hizkuntzaz zekien mutilari euskal misiolarien berri ote zeukaten galdetzeko eskatu zion, eta orduan, erregeak zerbait esan ondoren gerrian loturik zeraman aizkora hartu eta buruan kolpe ikaragarria eman zion. Mutila konorterik gabe erori zen lurrera. Gero den-denak, misiolaria eta bere talde osoa alegia, preso eramateko agindu zuen. Kartzela modura zerabilten txabola batean sartu zituzten, eta euren harridurarako oso afari oparoa eman zieten. Misiolariak eta bere mutilek ez zuten jarrera bitxi hura ulertzen, baina zauritutako mutila esnatu zenean dena jakiteko aukera izan zuten. Zer erantzun dik basati horrek? – galde egin zion Aita Jaxintok, jakin-mina asetu nahian. Eta mutilaren erantzunak den-denak ikara hotz batez bete zituen: Duela hogei bat urte inguru, zu bezalako bost gizon zuri etorri ziren hamabost bat arraunlari beltzekin. Herri hau kanibala omen da, eta horregatik, gauean ondo zebatu ondoren, hurrengo egunean, eguerdi partean, festa handi bat egin zuten eta bazkaldu zituzten den-denak. Horregatik kostaldeko biztanleen artean erdi euskaldunak deitzen diete, beraien kontura otordu ederra egin zutelako.Goxoenak gizon zuriak izan omen ziren, gaziak nonbait. Eta orain zu ikustean, irrikan daude zure haragia dastatzeko. Bihar besta handi bat egingo dute eta denok jango gaituzte. Horretarako eman digute afari eder hau, bihar eltzean eder-ederrak egon gaitezen. Orduz geroztik, Aita Jaxintoren pista arrunt galdu zen, eta aurreko misiolarien galerak sortutako misterioari Aita Jaxintorena gehitu zitzaion. Handik lau urtetara, gotzainak, guztiz harriturik, beste misiolari berri bat bidali zuen Bunbha-Dunbhara Aita Jaxintok eraman zuen bi helburu berberekin. Egun, lau hilabete igaro diren arren, Aita Josuk ez du oraindik beraien hizkera ulertzen eta Dongo-Dongoren laguntzaz ari da jo eta ke ikasten. Behin, ikasiz gero galdezka hasiko zaio, baina bitartean, euren hizkuntza ikasi behar. Gerokoak geroko utzi!
booktegi.eus Julene Azpeitia lehiaketa Testu hauek jatorrizkoaren moldaketak dira, Julene Azpeitia lehiaketako sari-banaketa emanaldian irakurtzeko egokitu baitira. Itzulpenak eta moldaketak Juan Antonio Atutxak egindakoak dira. Ilustrazioak: Imanol Larrinaga Leiho irekia IPUINAK Itzulpenak eta moldaketak: JUAN ANTONIO ATUTXA Ilustrazioak: IMANOL LARRINAGA AURKIBIDEA Apustua Giovanni Boccaccio Basoan Ryunosuke Akutagawa Leiho irekia Saki Nartzisoren kondaira Oscar Wilde Sevillako eroa Miguel de Cervantes Apustua Giovanni Boccaccio Asko ez dela, Miguel Scalza izeneko gazte bat bizi zen Florentzian. Hain zen alaia eta barregarria ze hiriko gazte guztiek nahi zuten bere adiskide izan. Egun batez, konpainia on batean, adiskiderik baizik ez zen lekuan zegoela, ekarri zuen solasa izan zen Florentziako familiarik antzinakoen eta nobleena zein zen ebatzi beharra. Batzuek zioten Ubertitarrak zirela aspaldikoenak, beste batzuek Lanbertitarrak zirela eta hauek baino antzinakoak zeudela ziotenak ere bazeuden: hitz batez esanda, bakoitzak bere ideia eta interesak jartzen zituen beste edozeren gainean. Scalzak, iritzi ezberdinak entzun ostean, hau esan zien irribarretsu: - Oker zaudete guztiok, ideiarik ere ez daukazue. Familiarik zaharrena eta, hortaz, nobleena, ez bakarrik Florentzian baizik eta mundu osoan, edo, gehiegikerietan erori gabe, gutxienez Toscanan, Baroncitarrak dira. Jakintsu guztiak eta nik bezainbeste ezagutzen dituztenak iritzi berekoak dira. Eta nire hitzek nahasmenik eragin ez dezaten, jakinarazten dizuet gure Baroncitarrez ari naizela, Andra Mariaren eliza ondoan bizi direnak, alegia. Scalzaren lagunak, ezezagunak zitzaizkien beste Baronci batzuez ari zela pentsaturik, eta jakinik familia honek ez zuela antzinako jatorria izatearen inongo osperik, barrezka hasi ziren, eta benetan ari ote zen galdetu zioten: Zuk adina ezagutzen ditugu Baroncitarrak, beraz, ez pentsa horren inozoak garenik hiriko noblezia zaharrena direla pentsatzeko. Horrela pentsatzen baduzue –erantzun zuen gazteak- ziur naiz ez dituzuela ezagutzen. Gainera, ez zauzkatet inozotzat, baina hain nago ziur diodanaz ezen prest nago zuotako edozeini hemen gauden seiontzako afaria jokatzeko. Zuon esku uzten dut ezbaia erabakiko duen pertsona egokiena aukeratzea. Neri Mannini izeneko batek onartu zuen apustua, eta Pedro Florentinoren iritzipean utzi zuten ebazpena. Berehala atera ziren Florentinoren etxera, gogotsu baitzeuden Scalza galtzaile atera zedin beraren kontura barre batzuk egiteko. Florentino, gaztea bazen ere, zuhurra eta zentzuduna zen. Neriri entzun ondoren, Scalzari eskatu zion bere baieztapena frogatu zezala: Hain erraz frogatuko dut ezen, zuk eta gainerako guztiek, zuzen nagoela aitortzea besterik ez duzuen izango. Eta halaxe jarraitu zuen: - Zenbat eta antzinakoagoa izan familia bat, are handiagoa da bere noblezia –halaxe diote behintzat nire adiskideek. Beraz, Baroncitarrak Florentziako familiarik zaharrena balira, nobleena ere izango lirateke. Esandako hau onartzen badidazue, apustua irabazteko, Baroncitarren antzinatasuna frogatzea besterik ez zait geratzen. Eta orain dator froga: gizon-emakume guztiak ahalguztidunaren obra dira. Argi dago Jainkoak margolari lanetan hasi berria zenean egin zituela Baroncitarrak, eta gainerako gizon-emakumeak marrazkigintzan maisu bilakatu zenean. Ez dago froga argigarriagorik Baroncitarrak gainerako gizakiekin alderatzea baino: azken hauek simetrikoak dira, proportzio egokiak dituzte eta aurpegiera erregularra; baina Baroncitarrak zirriborro bat dirudite. Eta halaxe da, Baroncitarretan denetarik dago: batek aurpegiera luzanga eta meharra du, beste batek talo aurpegia; sudur motzak ere badira, eta harbetekoa dutenak ere bai; bizar luzeak eta asto-matraildunak aurkituko dituzue, eta matrail motzekoak eta zapaldunak ere bai, tximinoen antzekoak alegia. Baroncitar batzuk begi bat bestea baino handiagoa dute, edo bata gorago eta bestea beherago. Labur esanda, Baroncitarren aurpegierek umeak marrazten hasten direnean egiten dituztenen antza dute. Argi dago, beraz, Jainkoa ez zela horren margolari prestua Baroncitarrak egin zituenean, eta hemendik ondorioztatu behar dugu Baroncitarrak antzinatasun antzinakoenetik datozela eta, hortaz, gainerako gizakiak baino nobleagoak direla. Florentino epailea, Neri apustularia eta gainerako konpainia-kideak, ikusirik Baroncitarrak Scalzak azaldu bezalakoak zirela, barre-zantzo baten hasi ziren gaztearen argudioak txalotzen zituzten bitartean. Eta aho batez aitortu zioten irabazi egin zuela apustua. Halaxe zioten guztiek: “arrazoi du, arrazoi du, Baroncitarrak dira Florentziako zaharrenak eta nobleenak”. Basoan Ryunosuke Akutagawa Egurgilearen deklarazioa kasuaren ikerketaz arduratzen den ofizialaren aurrean - Hala da, jauna. Neuk deskubritu nuen gorpua. Gaur goizean, egunero egiten dudan bezala, basora joan naiz zuhaitzak moztera. Eta han zegoen hilotza, mendiaren magalean, kanabera eta zuhaitz mengelen artean. Ahuspez zegoen hildakoa. Ehiztari arropak zituen eta zauri bakarra bularrean, zauri sakona nolanahi ere. Gorpuaren bueltan kanabera-hostoak pilatzen ziren. Dagoeneko ez zen odolik ateratzen zauritik. Ezpatarik-edo aurkitu ote nuen? Ez. Ezer ez. Soka bat eta orrazi bat baino ez zeuden ondoko zuhaitzaren ondoan. Baina belarrak eta kanabera-hostoak zapalduta zeuden han-hemen. Argi dago gizona gogor borrokatu zela eraila izan baino lehen. Zaldirik ikusi ote nuen? Ez ofizial jauna, ez dago modurik toki horretara zaldiz iristeko. Monje budistaren deklarazioa aurreko ofizialaren aurrean - Zin dagizut, ofizial jauna, atzo ikusi nuela gaur hilda aurkitu dutena. Bioleta koloreko kimono batez zihoan jantzita, eta emakume batek laguntzen zion. Eguerdi aldera izan zela uste dut. Emakumea zaldi gainean zihoan, aurpegia belo batez estalia zeramala. Zaldia kanela kolorekoa zen. Gizonaren armak ondo ikusi nituen: ezpata, arkua eta hogei bat gezi. Zer dela-eta imajina nezakeen gertatuko zitzaiona? Bizitza ihintza edo oinaztua bezain iheskorra da. Sentitzen dut… ez dut hitz egokiagorik aurkitzen. Kontakatiluaren deklarazioa ofizialaren aurrean - Harrapatu nuen gizonaren izenaz galdetzen didazu? Tajomaru izeneko bandolero famatua da, duda barik. Harrapatu nuenean zubi gainean zegoen, jausita. Zalditik jausi zela ematen zuen. Zein ordutan? Ilunabar aldera esango nuke. Aurreko batean ihes egin zidanean ere kimono urdinez jantzita zihoan, eta ezpata bera zeraman. Eta orain ere ezpata bera eta gezi berberak ditu. Argi dago: Tajomaru da hiltzailea. Arma guztiak berekin zeramatzan. Zaldia ere zuk esandakoaren modukoa zen: kanela kolorekoa. Lapur guztien artean Tajomaru da andrezaleena. Aurreko udazkenean bi emakume aurkitu zituzten hilik. Zurrumurruen arabera, Tajomaru izan zen hiltzailea. Hortaz, gizon hau hil bazuen, pentsatzekoa da zer egin zuen zaldiz zihoan emakumeaz. Ez naiz inoren gauzetan sartu zale; baina, ofizial jauna, uste dut aspektu hau argitu beharra dagoela. Atsoaren deklarazioa ofizialaren aurrean - Bai, nire suhiaren gorpua da. Takehiro Kanazawa du izena. Hogeita sei urte zituen. Gizon ona zen, ezin zezakeen etsairik izan. Nire alaba Masago da. Hemeretzi urte ditu, eta gizonik ausartena bezain ausarta da. Takehiro zen ezagutzen zuen gizon bakarra. Biak abiatu ziren atzo Wakasa herrirantz. Nork pentsa zezakeen holakorik gerta zitzaiekeenik! Non dago nire alaba? Ofizial jauna, mesedez, ikertu ezazu zer gertatu zaion nire alabari. Gorroto dut Tajomaru hori. Tajomaruren aitorpena - Bai, neuk hil nuen gizona. Baina ez nuen emakumea hil. Non dagoen? Ez dakit. Krudelki torturatu nazakezue, baina ezin didazue oinaze bidez atera ezagutzen ez dudana. Atzo, eguerdi aldera, bikotearekin bat egin nuen. Haizeak emakumearen beloa astindu zuenean bere aurpegi liraina ikusi nuen, une batez baino ez, segundo batez. Emakumea neureganatzea erabaki nuen, horretarako gizona hil behar banuen ere. Zer? Gizonezko bat hiltzea ez da hain gauza garrantzitsua: emakumea bahitu nahi bada bere laguntzailea hil beharra dago. Nik ezpatarekin hiltzen dut, zuek ordea boterearen eta diruaren bidez. Zuek hiltzen duzunean ez dago odolik, biktimak bizirik jarraitzen du. Baina ez dago, horregatik, biziago! Nor da, beraz, kriminalagoa? Erraza izan zen: neure burua bidaiari gisa aurkeztu ondoren, esan nien mendi hartan hilobi zahar bat zegoela ezpata eta ispilu ederrez beteta. Altxorra neurea zela esan nien, eta erosle bat aurkitzen nenbilela. Gizonak parez pare zabaldu zituen begiak. Hain da saihestezina ondasun-gosea! Hilobiaren bila abiatu ginen. Gizona nirekin zetorren; emakumeak zaldi gainean jarraitu zuen. Gizona eta biok basoan sartu ginen. Hasieran kanaberak baino ez zeuden. Gutxira argiune batera heldu ginen, handik gertu zuhaitz batzuk zeuden: leku aproposa nire plana martxan jartzeko. Gizonari esan nion zuhaitzpean zegoela altxorra, eta harantz abiatu zen. Eta orduantxe deliberatu nuen gizona erasotzea. Indartsua zen, baina ez zuen nire erasoa espero. Holaxe, derrepentean, arbola batera lotu nuen. Sokagatik galdetzen didazu? Ofizial jauna, ni lapurra naiz, hortaz jakin behar zenuke lapurroi soka ezinbestekoa zaigula gure langintzarako. Gizona zilioka hasi ez zedin, kanabera-hostoak sartu nizkion ahoan. Orduan, emakumearengana itzuli eta nirekin etorri zedila eskatu nion, bere lagunak gaixotasunaren bat zuela argudiatuz. Sinistu egin zidan. Eskutik heldu zidan eta basoan sartu ginen. Baina, ene zoritxarrerako, laguna ikusi zuen arbolara lotuta. Eraso bizian hasi zitzaidan. Oldarra zen benetan! Kostatu zitzaidan aurre egitea. Eskerrak Tajomaru ospetsua naizela! Azkenik lortu nuen emakumeari ganibeta kentzea, eta inor hil gabe eskuratu nuen nahi nuena. Basotik alde egiteko nintzela, emakumea, negarretan blai, neure besoetara jaurti zen ero baten gisan. Ulertu uste nion neure heriotza edo bere lagunarena eskatzen zidala, ezin baitzuen bere lotsa gainditu bizirik zeuden bi gizonen aurrean. Eta ez hori bakarrik, bizirik geratzen zen gizonarekin uztartuko zela gaineratu zuen. Gogo bizia sentitu nuen gizona hiltzeko. Kiyomizu tenplura joan zen emakume baten deklarazioa - Ni bortxatu ostean, kimono urdindun gizonak lotuta zegoen nire senarrari begiratu zion trufaz. Gorroto biziz behar zuen egon nire senarrak. Senari jarraituz, senarrarengana abiatu nintzen, baina gizatxarrak ez zidan utzi. Ostiko batez lurrera bota ninduen. Orduan dirdira arraro bat sumatu nuen senarraren begietan. Erraietaraino sartu zitzaidan. Begirada horren bidez barren-barrenean sentitzen zuena adierazten zuen: ez zen sumindura, tristura baizik. Mespretxua erakusten zuen nirekiko. Gizatxarraren kolpeak baino min handiago egin zidan senarraren begiek adierazten zutena. Eta korderik gabe jausi nintzen lurrera. Ez dakit zenbat denbora iragan zen konortea berreskuratu nuen arte. Gizatxarra alde egina zen, eta senarrak han jarraitzen zuen: arbolari lotuta. Begiratu egin nion, eta berak aurreko begirada erdeinagarriaz erantzun zidan. Ezin deskribatu dezaket une hartan sentitu nuena: lotsa? Tristura? Haserrea? Senarrarengana hurbildu eta esan nion: - Takehiro, sufritu dudana sufritu ondoren ezin dezaket zurekin jarraitu. Hementxe bertan egingo dut nire buruaz beste. Baina zuk ere gauza bera egitea eskatzen dizut, ene lotsaren lekuko izan baitzara. Ezin permititu dezaket zu bizirik jarraitzea. Ahots errimez esan nion, baina berak berdin jarraitu zuen, mesprezuz gainezka. Ezpata bila hasi nintzen, baina ez zegoen, gizatxarrak eramango zuen seguruenik. Arkua eta geziak ere desagertuak ziren. Baina han zen ganibeta. Eskuetan hartu, eta Takehirori zuzenduz, hauxe esan nion: - Zure bizitza eskatzen dizut. Nik jarraitu egingo dizut. Orduan, ezpainak zertxobait mugituz, hauxe esan zidala gogoratzen dut: “hil nazazu”. Konortea galtzekotan nengoela, ganibeta sartu nion paparretik. Eta, berriro ere, konortea galdu nuen. Izartu nintzenean, hantxe zegoen senarra, aspalditik hila. Ez dut indarrik hemendik aurrera gertatu zena kontatzeko. Ez nuen nire buruaz beste egitea lortu. Saiatu nintzen ganibeta eztarrian barrena sartzen… aintzira batera neure burua jaurtitzen… denetik probatu nuen, baina alperrik! Bizirik jarraitzen dut. Senarra hil nuen, gizatxar batek bortxatu ninduen, … zenbat desgrazi! Ez nuen beste aukerarik. Izpirituaren narrazioa sorgin baten ezpainetatik jasoa - Bidelapurra, nahi zuena lortu eta gero, nire emaztearen ondoan eseri zen kontsolatu nahian. Nik ezin nuen hitzik esan: arbolara lotuta nengoen. Baina emazteari begiratzen nion honako zerbait esan guran: “ez egiozu sinistu, esaten duen guztia gezurra da”. Baina bazirudien emazteak sinistu egiten zuela bidelapurrak esaten ziona. Torturatuta sentitzen nintzen, eta jeloskor. Bidelapurrak honakoak esaten zizkion: “zure gorputza orbandua izan da eta orain zure senarrak ez du ezer jakin nahi izango. Abandonatu ezazu eta esposatu zaitez nirekin”. Nire emaztea pozez zoratzen zegoen. Inoiz baino ederrago ikusi nuen. Hauxe erantzun zion bidelapurrari: “eraman nazazu zurekin”. Baina bere traizioa are krudelagoa izan zen. Aurpegi zurbilez begiratzen ninduen bitartean erregu hau egin zion bidelapurrari: “hil ezazu gizon hau, bestela ezingo baitut zurekin bizi. Hil ezazu, oraintxe bertan!” Eta hitz hauek darabiltzat buruan bueltaka eternitate osoan. Entzun al du inork hitz maltzurragorik! Bidelapurra bera ere zurbildu egin zen, sinesgaitz. Eta niri begira hauxe galdetu zidan: “Zer egin dezaket. Aukera bi ditut: zure emaztea hiltzea edo barkatzea. Esadazu burua mugituz: Hil egingo dut?” Jarrera horregatik bakarrik barkatu egingo niokeen gizonari. Zer esan pentsatzen nengoen bitartean, emakumeak oihu egin eta ihes egin zuen basoan barrena. Gizona atzetik jarraitu zitzaion, baina ez zuen harrapatu. Eta nik, mugitu ezinik, dena ikusi nuen. Emazteak ihes egin ostean, bidelapurrak nire armak hartu eta arbolara kateatzen ninduen soka moztu zuen. Eta basoan barrena sartu zuen. Hortik aurrera, bare-bare zegoen guztia. Baina ez, norbait ari zen negarrez: neu nintzen negar-zotinka ari zena. Azkenik, arbolapean, askatu egin nuen erabat neure gorputz minberatua. Begi aurrean nuen emaztearen ganibeta. Eskuetan hartu eta bularrean barrena sartu nuen. Odola sentitu nuen eztarrian gora, baina ez nuen minik. Bularra gogortzenago zihoan eta isiltasuna handitzenago. Txoririk ere ez zen entzuten. Gauza bakarra atzeman nezakeen kanabera eta arbolen artetik: desagertuz zihoan azken eguzki-errainua. Gero, ez kanaberarik ez arbolarik. Akabo guztia. Lurrean nentzala, isiltasunak inguratu ninduen. Urratsak atzeman nituen enegana hurbiltzen. Burua jaso nahi izan nuen, baina iluntasun lauso batez inguratua nintzen. Esku ikusezin batek ganibeta atera zidan bularretik. Ahoa odolez bete zitzaidan. Hor amaitu zen guztia. Betiereko gauean abaildu nintzen berriro ez itzultzeko… Leiho irekia Saki “Nire izeba berehala jaitsiko da, Nuttel jauna”, esan zuen ziurtasun osoz hamabost urteko neskatxak; “bitartean ni agoantatzen saiatu beharko duzu.” Framton Nuttel-ek ahaleginak egin zituen zuzen jokatzen eta ilobarekin balakari agertzen, baina ahaztu barik une batetik bestera iristear zen izeba. Nolanahi ere, mesfidati zen pertsona ezezagunei egiten zien bisitaldi formal hauek lagungarri izango ote zitzaizkion nerbioak baretzeko abian jarri zuen asmoari. “Badakit zer gertatuko den” esan zion arrebak paraje idiliko hartara joateko prestatze-lanak egiten ikusi zuenean. “Erabat bilduko zara zure baitara, inorekin hitz egin barik, eta zure nerbioek okerrera egingo dute depresioaren eraginez. Nolanahi ere, gomendiozko gutunak emango dizkizut inguru hartan ezagutzen ditudan pertsonentzat. Hauetako batzuk, oker ez banago, nahiko atseginak dira”. Framton jaunak bere buruari galdetu zion, Sappleton andrea, gomendiozko gutunetako bat jaso zuen dama, atseginen artean sartzen ote zen. “Jende asko ezagutzen al duzu inguru honetan?”, galdetu zion ilobak bion arteko isilaldiari luze iritzi zionean. “Bakarren bat baino ez”, esan zuen Framtonek. “Ene arreba hemen izan zen, errektoretzan, duela lau urte, eta gomendiozko gutunak eman zizkidan bertako batzuei emateko.” Azken aitorpen hau damu antzeko tonuan egin zuen. “Hortaz, ezer gutxi dakizu nire izebaz?” jarraitu zuen damatxo harroxkoak. “Bere izena eta helbidea baino ez dakizkit”, onartu zuen bisitariak. Bere buruari galdetzen zion Sappleton andrea ezkondurik edo ezkongabe ote zegoen. Baina gelan bazen gizonezkoen presentzia iradokitzen zion zerbait. “Tragedia duela hiru urte gertatu zen”, esan zuen neskatoak; “zure arrebak alde egin eta gero, alegia”. “Zein tragediaz ari zara?” galdetu zuen Framtonek; sinestezina baitzirudien holako paraje lasai batean tragediarik gertatzea. “Ez al zaizu arraroa egiten, urriko arratsalde baten, leiho hori zabalik ikustea”, esan zuen ilobak lorategira ematen zuen leihotzarra seinalatuz. “Eguraldi epela dago, gauden sasoian egonda”, esan zuen Framtonek; “edozelan ere, ba al du leihoak zerikusirik tragediarekin?” “Leiho horretatik atera ziren, duela hiru urte, senarra eta bere bi neba gazteak ehizan egitera. Ez ziren sekula itzuli. Eremu mortua zeharkatzen ari zirela horren gogoko zuten ehiza-lekura iristeko, bat-batean, zingira traidore batek irentsi zituen. Uda ikaragarri euritsu hartan gertatu zen, jauna: ordura arte irmoak ziren lurrak inoizko arriskutsuenak bilakatu ziren. Gorpuak ez ziren agertu. Eta horixe izan zen lazgarriena.” Une honetan ahuldu egin zen neskatoaren ahotsa, humanoagoa zirudien, zalantzatia. “Izeba laztana! oraindik ere uste du egunen batean itzuliko direla senarra, nebak eta eurekin zihoan spaniel marroia, eta, egin ohi zuten bezala, leihotzarretik sartuko direla etxean. Horrexegatik, hain zuzen, egoten da leihoa zabalik ilundu arte. Izeba koitadua, zenbat aldiz esan ote dit zelan atera ziren: senarra euritako beroki zuria besoan eta, Ronnie, bere neba gaztea, beti bezala, ‘Bertie, zergatik egiten duzu jauzi?’ abesten, jakin bazekien abestiak kirioak dantzan jartzen zizkiola arrebari. Badakizu, Framton jauna, oraindik ere, gaurkoa bezalako arratsalde lasaietan, leihotik sartuko diren sentipena izaten dudala?” Ikara batek eten zuen neskatoaren jarduna. Framtonek lasaitu ederra hartu zuen izeba aretoan sartu eta barka-eske hasi zitzaionean berandu iritsi izanagatik. “Ondo pasatuko zenuen Verarekin, ez ba?”, esan zuen. “Oso ondo”, esan zuen Framtonek. “Espero dut ez zaizula inportako leihoa zabalik badaukat”, esan zuen animoso Sappleton andreak; “senarra eta nebak ehizara atera dira, eta berehala itzultzekotan dira. Istingorretan atera dira pantanora, hortaz, pentsatu ere ez dut egin nahi zenbat lorrin eta lokats utziko duten nire alfonbra koitaduan! Gizonak beti igual, ez al da egia?” Pozik jarraitu zuen ehizaz eta hegaztien eskasiaz hitz egiten, eta neguan ahateak ehizatzeko itxaropenez. Framton ikaragarri gaizki sentitzen zen. Ahalegin etsia egin zuen elkarrizketaren sama arintze aldera, erdizkako arrakasta lortu bazuen ere. Jabetzen zen anfitrioiak atentzio apur bat baino ez ziola eskaintzen, eta bere begiak leihoaz haratago pausatzen zirela, leiho aurreko zelaian alegia. Ikaragarria zen, zer eta zoritxarreko urteurrenean egin behar izatea bisitaldia! “Sendagileek, aho batez, erabateko atsedena agindu didate, alegia, asaldura mentalik ez eta ariketa fisiko bortitzak saihestea”, esan zuen Framtonek, pentsatuz, askok pentsatzen duten moduan, ezezagunek eta noizbehinkako adiskideek jakin-minez egoten direla inoren oinaze eta gaixotasunen detaile txikienen berri izateko eta gaitzaren jatorria eta sendabideak ezagutzeko. ”Dietari dagokionez ordea, ez datoz bat”, jarraitu zuen Framtonek. “Ez da izango?” esan zuen Sappleton andreak, aharrausia justu samar alboratuz. Bat-batean, nabarmen piztu zitzaion arreta, baina ez Framton esaten ari zenagatik. “Badatoz, azkenean!” egin zuen oihu. “Justu tea hartzeko orduan, eta ez dirudite horren zikin datozenik!” Framtonek inarrosaldi txiki bat izan zuen eta ilobari begiratu zion nolabaiteko errukia adierazteko. Neskatoa leiho irekiaz harago zegoen begira, begi erabat izutuez. Framtonek, egundoko izurik handienak astindua, aulkia jiratu eta norabide berean begiratu zuen. Oskorri ilunean barrena, hiru irudi, zelaia zeharkatzen ari ziren leihorako norabidean; eskopetak zeramatzaten besopean eta hiruretako batek euritako beroki zuria zeukan sorbalda gainean. Marroi koloreko spaniel nekatu bat zetorren eurengandik gertu. Isil-isilik hurbildu ziren etxera. Orduan ahots gazte erlats bat entzun zen abesten: “Esadazu, Bertie, zergatik egiten duzu jauzi?” Framtonek makila eta sonbreirua hartu eta arrapaladan atera zen etxetik; ihesean zihoala apenas erreparatu zituen bidezidorra eta sarrerako atea. Errepidetik zetorren bizikletari bat bide-bazterrean sartu behar izan zen kolisioa saihesteko. “Iritsi gara, maitea”, esan zuen euritako zuridunaz jantzita zegoena leihotik sartzen zen bitartean, “nahiko lokatz dakargu, baina lokatz lehorra da. Nor izan da gu heltzeaz batera arrapaladan atera den hori?” “Gizon benetan bitxia, Mr. Nuttel delakoa”, esan zuen Sappleton andreak; “bere gaixotasunaz baino ez du hitz egin, eta agurrik esan gabe egin du alde zuek heltzeaz batera. Ezta mamuak ikusi balitu ere!” “Uste dut spanielagatik izan dela”, esan zuen ilobak lasai asko; “beldur ikaragarria omen die txakurrei. Behin, txakur paria saldo batek Ganges ibaiertzeko kanposanturaino jarraitu zion atzetik, eta gau osoa pasatu behar izan zuen panteoi zulatu berri baten barruan, piztiak hilobi gainean zeuden bitartean marmarka, hortzak erakutsiz eta ahotik bitsa zeriela. Normala, gero, nerbioak dantzan izatea.” Bat-bateko fantasia zen bere espezialitatea. Nartzisoren kondaira Oscar Wilde Nartziso gazte lirain bat zen. Egunero aintzirara joaten zen bere edertasuna kontenplatzera. Hain zegoen liluratuta bere buruaz ze, halako baten, aintzirara jausi eta ito egin zen. Erori zen lekuan lore bat sortu zen, eta nartziso izena jarri zioten. Narziso hil ostean Oreadeak heldu ziren, basoko jainkosak, eta aintzira eraldatuta aurkitu zuten: behinolako ur geza, malko gazien pegarra bilakatu zen. Zergatik egiten duzu negar? –galdetu zioten Oreadeak aintzirari. Nartzisorengatik egiten dut negar. –erantzun zuen. Ulertzekoa da –jarraitu zuten Oreadeak- Nartzisorengatik negar egitea. Gu bere atzetik ibiltzen ginen basoan zehar korrika, baina zuk gertu-gertutik gozatzen zenuen bere edertasunaz. Baina, Nartziso liraina al zen? –galdetu zuen aintzirak. Nor zu baino aproposagoa hori jakiteko! –erantzun zioten harrituta Oreadeek-. Azken baten, aintzira ertzean makurtzen zen egunero bere burua kontenplatzera. Aintzira isilik egon zen une batez, eta azkenean esan zuen: Nik Nartzisorengatik egiten dut negar, baina ez nekien liraina zenik: Nartziso aintzira ertzean makurtzen zenean, nik, neure edertasuna ikusten nuen bere begietan islatuta. Sevillako eroa On kixote mantxakoa (2. Partea) Miguel de Cervantes Sevillako eroetxean gizon bat zegoen, bere ahaideek bertan sartu zutena burutik egina zegoelako. Zuzenbidean graduatua zen Osunatik, baina askoren iritziz, Salamancatik izan balitz ere, burutik egina jarraituko zukeen. Graduatu honek, zenbait urtez eroetxean izan eta gero, jakitera eman zuen bere senera bueltatu zela eta zentzua berreskuratu zuela, eta halaxe idatzi zion artzapezpikuari, arren eta arren erregutuz eta arrazoiak emanez bizi zuen miseria hartatik atera zezan, zeren eta, Jainkoaren errukiari esker, berreskuratua baitzuen behinola galdu zuen zentzuna; haatik, ahaideek, eroaren aziendaren zatiari probetxua atera nahian eta egiari muzin eginez, eroetxean zeukaten zokoratuta, ero nahi baitzuten hil zedin arte. Artzapezpikuak, eroak igorritako gutun zentzuzkoak horretaraxe gogatuta, bere kapilaua bidali zuen eroetxeko errektorearengana lizentziatuak idazten zizkionak egia ote ziren begiztatu zitzan, eta halaber, eskatzen zion eroarekin hitz egin zezala, eta bere onera itzulia zela ikusten bazuen, eroetxetik atera zezala eta askatasuna itzul zekiola. Kapilauak halaxe egin zuen, baina errektoreak esan zion gizona oraindik erotuta zegoela, eta askotan jakinduria handiz hitz egiten bazuen ere, hortik gutxira ergelkeriak esaten jarraitzen zuela, aurretik esandako zentzuzko hitzen bezainbestekoak maiztasunez zein tamainaz, eroarekin hitz eginda froga zitekeen bezala. Kapilauak errektoreak esandakoa frogatu nahi izan zuen, halaxe, eroarekin bildurik, hitz egiten egon ziren ordu betez edo gehiago, eta tarte hartan guztian eroak ez zuen behin ere arrazoi oker edo burugaberik eman; horren adeitsu hitz egiten zuen ezen kapilauak ez zuen beste erremediorik izan gizona bere onera itzuli zela pentsatzea baino. Eroak besteak beste, kapilauari esan zion errektoreak begitan hartua zuela, eta ez zuela eroaren ahaideek egiten zizkioten opariak galdu nahi burutik eginda jarraitzen zuela esategatik, eta noizbehinka argiuneak zituela; eta bere zoritxarrean zeukan eragozpen handiena bere ondasun ugariak zirela, zeren eta, ondasunez baliatzeagatik, bere etsaiak, jakinaren gainean, gezurrak esaten baitzituzten eta zalantzan jartzen baitzuten Gure Jaunak egin zion grazia behinola piztia zena gizon bilakatu izanagatik. Halaxe, bere hitzek susmagarri bihurtu zuten errektorea, gutiziatsu eta gupidagabeak bere ahaideak, eta bera horren zentzudun agertzen zen non kapilauak berarekin eramatea erabaki baitzuen artzapezpikuak ikusi eta, pertsonalki, egiaztatu zezan endredo haren egia osoa. Fede ona lagun, kapilauak eskatu zion errektoreari lizentziatuari itzuli zekizkiola eroetxera sartu zenean jantzita zeramatzan arropak. Baina errektoreak esan zion ondo pentsatzeko zer egiten ari zen, lizentziatua, inongo zalantzarik gabe, oraindik ere erotuta zegoelako. Kapilauak, hala ere, ez zien batere jaramonik egin errektoreak egiten zizkion prebentzio eta oharrei. Errektoreak men egin zuen, artzapezpikuaren agindua baitzen; lizentziatuari bere jantziak jarri zizkioten, berriak eta itxurosoak oso, eta orduantxe, ikusi zuenean bere burua zentzudun-arropez jantzia eta ero-arropez erantsia, kapilauari eskatu zion, karitatearen izenean, baimena eman zekiola bere adiskide zoroak agurtzeko. Kapilauak esan zion berak lagunduko ziola eta, halaxe, etxean zeuden eroak ikusiko zituela. Eskaileratan gora egin zuten lizentziatuak, kapilauak eta beraiekin zeuden beste batzuk; lizentziatua zoro oldartsu bat zegoen kaiolara heldu zenean, une hartan bare eta lasai bazegoen ere, hauxe esan zion: - Adiskide maitea, etxera noakizu, Jainkoak, bere ontasun eta erruki amaigabearekin, merezi ez baitut ere, nire zenera itzuli bainau, alegia, osasuntsu eta zentzudun nagoela, izan ere, ezer ez baita ezinezko Jainko ahalguztidunarentzat. Ez galdu esperantza ez konfiantza Jainkoarengan, ni neure onera itzuli banau zu ere itzuliko baitzaitu zeurera, baldin eta Beragan konfiantzarik baduzu. Opari batzuk bidaliko dizkizut jan dezazun, eta ez utzi jateari, uste baitut, esperientziari esker, gure eroaldi guztiak sabela hutsik eta garuna airez beteta izateagatik datozela. Saia zaitez lagun, zoritxarretan ahul jokatzen duenak osasuna uzkurtu eta heriotza erakartzen duelako. Lizentziatuaren hitz hauek, ero oldartsuaren aurrez aurre zegoen beste kaiola baten zegoen ero batek ere entzun zituen eta, etzanik zegoen ohantzetik biluzik jaiki eta gero, ahots errimez galdetu zuen nor zen osasuntsu eta zentzudun ateratzen zena. Lizentziatuak erantzun zion: - Neu nauzu, adiskide, kanpora noana; dagoeneko ez baitut premiarik hemen jarraitzeko, eta horrexegatik ene esker ona eman nahi diet zeru-goiei eman izan didaten graziarengatik. - Kontuz diozunarekin, lizentziatu, ez zaitzan demonioak engaina –erantzun zion zoroak-; mantso ibili, eta lasai geratu etxean, eta horrela ez duzu hona itzuli beharrik izango. - Ondo baino hobeto dakit sano nagoela –erantzun zion lizentziatuak-, ez naiz lehengoetara bueltatuko. - Sano zu? –esan zuen zoroak-: hori ikusteko dago, Jainkoak lagun zaitzala. Baina zin degit Jupiterrez, bere Handientzaren ordezkaria naizelarik lurrean, Sevillak gaur egiten duen bekatu honegatik bakarrik, alegia, zu etxe honetatik atereaz eta sano zaudela esateaz, sekula sekulorum oroituko den gaztigua ordainaraziko diodala, amen. Ez al dakizu ba, legegile ziztrin horrek, gauza naizela holakorik egiteko, esan dudan moduan, Jupiter tunante naizelako eta eskuan ditudalako mundua mehatxatu eta hondatu ditzaketen oinaztarri kiskalgarriak? Baina gauza bakar batez baino ez dut herri ezjakin hau gaztigatu nahi, alegia, euririk ez egiteaz Sevillan ez bere barrutian ez eskualde osoan hiru urte luzez, betiere, mehatxu hau egin den egunetik zenbatuta. Zu libre, sano eta zentzuzko, eta ni zoro, gaixo eta kateatua…? Ez dut euririk egingo, urkatuko ez naizen bezalaxe. Inguruko guztiak zoroaren hots eta arrazoiei adi egon ziren, baina gure lizentziatua, kapilauari itzuliz eta eskuetatik oratuz, esan zion: - Ez nahigabetu, ene jauna, eta ez egin jaramon zoro honek esandakoari, bera Jupiter bada eta ez badu euri egin nahi, ni, Neptuno izanik, ur guztien aita eta jainko, nahi beste eta behar beste euri egingo dut. Eta kapilauak erantzun zuen: - Hortaz, Neptuno jauna, hobe litzateke Jupiter jauna ez haserretzea: Berorren Mesedea etxean gera bedi eta, beste egun baten, erosotasun eta asti gehiago izango dugunean, itzuliko gara Berorren Mesedearen bila. Errektoreak eta inguruko guztiek barre egin zuten, eta kapilaua irrigarri samar geratu zen. Lizentziatua biluzi egin zuten, eroetxean geratu zen eta kontakizuna amaitu egin da.
Egun atsegina zenez, Madame Valmondé L´Abri-ra joan zen Désirée eta umetxoa ikustera. Barre egin zuen Désirée umetxo batekin gogoan hartzean. Zera, ematen zuen atzo bertan izan zela Désirée bera umetxoa baino handixeagoa; Monsieurrek zaldi gainean Valmondéko burdin atetik pasatzean aurkitu zuenean umetxoa lotan, harrizko zutoin handiaren itzalpean. Txikia gizonaren besoetan esnatua zen eta negarrez hasia zen «aitta»-ri deika. Hori baino ez zekien egiten edo esaten. Batzuek uste zuten agian bere kabuz helduko zela hara, tipi-tapa ibiltzeko adinean baitzegoen. Uste orokorra zen texastarren talde batek utzia zuela nahita han, haien karreta olanaz estaliak, ilunabarrean, Coton Maïs-ek plantaziotik harago zeukan ferrya hartu zuelako. Denborarekin Madame Valmondék bazter utzi zituen espekulazio guztiak, hau izan ezik: Désirée Probidentzia ongileak bidali zuela bere bihotzeko umea izan zedin, haragiko umerik ez zuela ikusita. Izan ere, hazi zenean, neska ederra eta goxoa, maitetsua eta zintzoa egin zen, Valmondéko idoloa. Ez zen harritzekoa izan egun batean, Désirée harrizko zutoinaren ondoan zegoela, —zeinaren itzalpean lo egona baitzen hamazortzi urte lehenago— Armand Aubigny zaldi gainean handik pasatzean neska ikusi eta berarekin maitemintzea. Halaxe maitemintzen ziren aubignytar guztiak, tiro batek jota legez. Harrigarria zen lehenagotik maite ez izana; izan ere, neska ezagutzen zuen bere aitak bera, Armand, Parisetik ekarri zuenetik, zortzi urteko mutikoa zela, ama han hil zenean. Egun hartan neska atean ikustean esnatutako pasioa elur jausi baten moduan etorri zitzaion gainera, edo zelaietan hedatzen den sutea bezala, edo oztopo guztiak gainditurik buruz aurrera nagusitzen den edozer bezala. Monseiur Valmondé praktiko jarri eta gura izan zuen gauzak ondo pentsatzea: hau da, neskaren jatorri iluna kontuan hartzea. Armandek neskaren begiei so egin eta berdin izan zitzaion. Gogorarazi zioten neskak ez zuela abizenik. Zer axola zion abizen batek berak eman ahal zionean Louisianako abizen zahar eta harroenetako bat? Parisen enkargatu zuen corbeillea1eta ahal izan zuen pazientzia guztiarekin eutsi zion bere buruari hura ailegatu arte. Orduan, ezkondu egin ziren. Madame Valmondék lau aste zeramatzan Désirée eta umetxoa ikusi barik. L´Abri-ra heldu zenean hotzikara izan zuen tokia ikusi eta batera, ohi zuen legez. Itxura tristeko lekua zen, urte askoan ugazaba andre baten presentzia goxoa ezagutu ez zuena, Monsieur Aubigny zaharra Frantziara ezkondua baitzen eta hantxe lurperatua baitzuen emaztea, hark gehiegi maite zuen-eta bere herria bertatik aldentzeko. Teilatua malkar eta beltz zetorren goitik behera, kaputxa baten moduan, eta iztukuz estalitako etxe horiaren inguruko galeria zabaletatik harago zabaltzen zen. Haritz handi eta solemneak zeuden etxetik gertu eta haien adar luze eta hostotsuek hileta mantua bezalako itzala egiten zioten. Gainera, Aubigny gaztea agintari zorrotza zen, eta haren menpeko negroek ahaztua zuten alaiak izaten, ugazaba zahar hurbilerraz eta esku bigunaren garaian izan ohi ziren bezala. Ama gaztea astiro indartzen ari zen, eta etzanda zegoen, muselina eta farfail zuri leunetan, sofa baten gainean. Umetxoa ondoan zeukan, besoaren gainean, bertan lo geratua baitzen bularra hartzen. Umezain horia leiho baten ondoan jesarrita zegoen, bere burua abanikatzen. Madame Valmondék bere figura dotorea makurtu zuen Désiréeren gainean eta musua eman zion, une batez besarkada xamurrean bilduta. Gero umearengana jiratu zen. —Hau ez da gure umetxoa!— hots egin zuen, txundituta. Egun haietan frantsesez egiten zuten Valmondékoek. —Jakin dut zur eta lur geratuko zinela —esan zuen Désiréek barreka—, zelan hazi den ikusita. Ai, gure cochon de lait! Begiratu zelako hankak, ama, eta eskuak eta azazkalak... benetako azazkalak. Zandrinek moztu behar izan dizkio goizean. Ez da egia, Zandrine? Emakumeak buru turbanteduna makurtu zuen maiestatez: —Mais si, Madame. —Eta zelan egiten duen negar! —jarraitu zuen Désiréek— Gortzeko moduan! Lehengo egunean Armandek La Blanche-ren txabolatik entzun zion. Denbora horretan guztian Madame Valmondék ez zituen begiak umearengandik apartatu. Besoetan hartu zuen eta argi gehien zegoen leihora eraman zuen. Gertutik aztertu zuen, gero Zandrineri begiratu zion peskiza keinu beraz, baina hark beste aldera zeukan aurpegia, zelaiei begira. —Bai, umea hazi egin da, aldatu egin da —esan zuen Madame Valmondék astiro, umea amaren ondoan utziz berriro. —Zer dio Armandek? Désiréeren aurpegian piztu zen distira zoriona bera zen. —Ai, barruti osoan ez dago aita harroagorik, nik uste batez ere mutila delako, eta bere izena eramango duelako, nahiz eta berak dioen ezetz, berdin-berdin maiteko zuela neska balitz. Baina badakit ez dela egia. Badakit ni pozteko esaten duela. Eta, ama: —gehitu zuen, Madame Valmondéren aurpegia berarengana hurbilduz eta ahopeka hitz eginez— ez du bakar bat ere zigortu, ezta bakar bat ere, umetxoa jaio zenetik. Ezta Négrillon ere, itxura egin zuenean hanka erre zuela lanera ez joateko... barre baino ez zuen egin, eta esan zuen Negrillón alproja hutsa dela. Ai, ama, oso zoriontsua naiz; beldurra ematen dit. Désiréek esandakoa egia zen. Ezkontzak eta semearen jaiotzak asko bigundu zuten Armand Aubignyren izaera agintzaile eta zorrotza. Horrek egiten zuen hain zoriontsu Désirée goxoa, itsuki maite baitzuen senarra. Hark betozkoa jarri eta Désirée dardarka jartzen zen, baina maite egiten zuen. Hark irribarre egiten zuenean, Désiréek ez zion Jainkoari beste bedeinkaziorik eskatzen. Baina betozkoek ez zuten oso sarri Armanden aurpegi ilun eta ederra desitxuratu Désiréerekin maitemindu zen egunetik. Umetxoak hiru hilabete inguru zituenean, egun batean Désirée esnatu zen konbentziturik airean zeozer zegoela bere bakea mehatxupean zuena. Hasieran sotilegia zen harrapatzeko. Iradokizun asaldagarri bat baino ez zen; misterio aire bat beltzen artean; urrungo auzoen ustekabeko bisitak, nekez azal zitzaketenak. Gero aldaketa bitxi, izugarri bat senarraren moduetan, zeinaren zergatia galdetzera Désirée ez zen ausartu ere egin. Senarrak berba egiten zionean, begiak apartatuta egiten zuen, eta bazirudien lehengo maitasun argia itzalia zela begi haietatik. Gizona desagertu egiten zen etxetik; eta bertan zegoenean, ihes egiten zien bai berari eta bai umeari aitzakiarik gabe. Eta bazirudien bat-batean Satanen izpirituak berak hartua zuela gizona esklaboekiko harremanetan. Désiréeren zorigaitza hiltzeko modukoa zen. Arratsalde bero batean bere gelan zegoen, peignoirrean jesarrita, sorbalda gainean erortzen zitzaion ile marroi zetatsu eta luzearen xerloetatik atzamarrak sartzen gogo motelaz. Umetxoa, erdi biluzik, lo zegoen bere kaobazko ohe handian, zeina tronu handios baten modukoa zen, satinez forratutako zeru erdia eta guzti. La Blancheren mutiko mulatoetako bat —erdi biluzik bera ere— ondoan zegoen, umetxoa astiro abanikatzen pauma hegatsezko abaniko batekin. Désiréek umetxoarengan finkatuak zeuzkan begiak, gogoa urrun eta triste, bere inguruan biltzen sentitzen zuen laino mehatxagarria zulatzeko borrokan ziharduela. Begirada eraman zuen umetxoarengandik haren ondoan zegoen mutikoarengana, eta atzera berriro; eta behin eta berriz. «A!». Eutsi ezineko oihua izan zen; ohartu ere ez zen egin bota zuenik. Odola izoztu egin zitzaion zainetan, eta hezetasun hotz batek estali zion aurpegia. Mulatotxoari berba egiten saiatu zen, baina hasieran ez zitzaion soinurik atera. Hark bere izena entzun zuenean, gora begiratu eta ugazaba andrea atea seinalatzen ikusi zuen. Abaniko handi eta leuna albo batean utzi eta ezkutatu egin zen, esaneko, zoru distiratsuaren gainean oin puntta biluzietan. Désirée geldi geratu zen, begirada umearengan iltzaturik, aurpegia izuaren erretratua. Bat-batean senarra gelan sartu zen, eta emakumea han zela ohartu gabe, mahai batera joan eta paper batzuen artean bilatzen hasi zen. —Armand —deitu zion andreak, gizonari sastakada eman beharko zion ahots batez, gizakia baldin bazen. Baina senarra ez zen ohartu. —Armand —esan zuen berriro arnasestuka, besotik oratuz—, begiratu gure umeari. Zer gertatzen da? Esadazu. Gizonak, hotz baina astiro, emakumearen atzamarrak kendu zituen bere besotik eta eskua baztertu zuen. —Esan zer gertatzen den! —oihu egin zuen emakumeak etsipenez. —Gertatzen da —erantzun zuen gizonak arintasunez— umea ez dela zuria; gertatzen da zu ez zarela zuria. Akusazioak berarentzat inplikatzen zuen guztia arin harrapatzeak adorea eman zion Désiréeri hura ezohiko ausardiaz ukatzeko. —Gezurra da; ez da egia, zuria naiz! Begiratu nire ileari, marroia da; eta begiak grisak dauzkat, Armand, badakizu grisak dauzkadana. Eta azala argia daukat —eskumuturretik heldu zion gizonari—. Begiratu esku honi: zurea baino zuriagoa, Armand —barre histerikoaz. —La Blancherena bezain zuria —arrapostu zion hark zital; eta joan egin zen, Désirée eta umea bakarrik utzita. Luma eskuan hartzeko moduan egon zenean, Désiréek etsipenezko gutun bat bidali zion Madame Valmondéri. «Ama, dioste ez naizela zuria. Armandek esan dit ez naizela zuria. Jainkoarren, esaiezu ez dela egia. Zuk jakin behar duzu ez dela egia. Hil egingo naiz. Hil egin behar naiz. Ezin naiz hain zorigaitzekoa izan eta bizirik iraun». Erantzuna laburra izan zen. «Désirée neurea: erdu etxera, Valmondéra; zeure amarengana, maite zaituenarengana. Etorri umetxoarekin». Désiréek gutuna jaso zuenean senarraren estudiora joan zen gutunarekin, eta gizona jesarrita zegoen mahaiaren gainean utzi zuen. Bertan utzita, Désirée harrizko irudi baten moduan geratu zen: isilik, zuri, geldirik. Gizonak begi hotzak pasatu zituen hitz idatzien gainetik isiltasunean. Ez zuen ezer esan. «Joango naiz, Armand?» galdetu zion Désiréek, suspentsearen bihotz esturak zorroztutako doinuaz. —Bai, joan. —Joatea gura duzu? —Bai, joatea gura dut. Armandek uste zuen Jainko Ahalguztidunak zital eta bidegabe jokatu zuela berarekin; eta, zelanbait, iruditzen zitzaion txanpon berarekin ordaintzen zebilela Jainkoari emaztearen arima horrela sastakatuz. Gainera, ez zuen jada maite, bere etxeari eta bere izenari jakingabean egindako laidoagatik. Désiréek buelta eman zuen kolpe batek tuntunduta bezala, eta aterantz joan zen astiro, Armandek bueltatzeko deituko zion itxaropenaz. —Agur, Armand —esan zuen auhenez. Ez zion erantzun. Hori izan zen Armandek patuari jotako azkeneko kolpea. Désirée umearen bila joan zen. Zandrine galeria itzaltsuan zebilen berarekin aurrera eta atzera. Désiréek ttikia hartu zuen umezainaren besoetatik azalpenik gabe, eta, eskailerak jaitsiz, alde egin zuen, haritzen adarren pean. Urriko arratsalde bat zen; eguzkia ezkutatzen ari zen. Zelai bareetan negroak kotoia batzen zeuden. Désiréek ez zituen aldatu soinean edukitako jantzi zuria eta zapatilak. Burua estali barik zeukan eta eguzki izpiek urrezko distira ateratzen zioten ile katramila marroiari. Ez zuen hartu Valmondé plantazio urrunera zeraman errepide zabala, normalean jendeak erabiltzen zuena. Zelai mortu bat zeharkatu zuen, non uztondoak beltzuneak egin zizkion oin xamurretan, oinetako hain delikatuez jantzietan, eta soineko mehea urratu zion zarpail bihurtzeraino. Padura sakon eta geldoaren ertzetako ihi eta sahats masan desagertu zen; eta ez zen sekula itzuli. Handik aste batzuetara, eszena bitxi bat antzeztu zen L´Abri-n. Atzeko patio ondo eskobatuaren erdigunean su handi bat egin zuten. Armand Aubigny atarte zabalean jesarrita zegoen, ikuskizunaren ikuspegi ona izateko moduan; eta berak banatzen zien sua bizirik edukitzeko gaia dozena erdi bat negrori. Piraren gainean sahats egurrezko sehaska dotore bat zegoen, bere apaingarri pinpirin guztiekin; layette2 ikaragarri preziotsuaren aberastasunak elikatua zuen sua dagoeneko. Gero zetazko soinekoak, eta tertziopelozkoak eta satinezkoak gehitu zizkioten; farfailak ere bai, eta brodatuak; bonetak eta eskularruak; izan ere, corbeillea apartekoa izandakoa zen. Bota zuten azkeneko gauza gutun multzo ttiki bat izan zen: ezkon denboran Désiréek berari bidalitako zirriborrotxo inozenteak. Gutun zati bat geratu zen Armandek gutunak hartuak zituen tiraderan. Baina ez zen Désiréerena; bere amak bere aitari bidalitako gutun zahar baten parte zen. Armandek irakurri egin zuen. Amak eskerrak ematen zizkion Jainkoari aitaren maitasunagatik... «Baina batez ere —idazten zuen— gauez eta egunez, eskerrak ematen dizkiot Jainko onari gure bizitzak halako moduan antolatu dituelako, non gure Armandek ez duen egundo jakingo bere ama, bera adoratzen duen ama, esklabotzaren markarekin madarikatutako arrazakoa dela». Oharrak [←1] Ezkontza arreoa, frantsesez jatorrizkoan. Itzultzailearen oharra. [←2] Jaioberri baten arropen bilduma. Frantsesez jatorrizkoan. (I.O.)
AURKIBIDEA Margariten hizkuntza hautua – Fito Rodriguezen hitzaurrea INFERNUA RAQUEL GAUEZKO ORDUTEGIAK HOLOKAUSTOAREN MUSEOA, JERUSALEM EZ ZEGOEN URRUN, EZ ZEN ZAILA CONCA-REN PAISAIA PLAZA PRÍNCIPE PERGAMON MUSEUM JENDEA HONDARTZAN UNE ERRUKIGARRI BAT ERRUKI-ETXEA IRAKURTZEA IDEALA AUTOPISTA JOAN MARAGALL AUTOERRETRATUA ITSAS ONDOAN AMARI EGINDAKO AZKEN AURREKO POEMA NORTASUNA Margariten hizkuntza hautua – Fito Rodriguezen hitzaurrea Poeta guztien ekarpen komuna idazketaren bidez sentitu, pentsatu eta adieraztea da, nahiz eta jardun horretan, literaturako izen ospetsu guztien artean, ez den erraza izaten irakurketa-gustuak asetzen dituen izen bakarra aurkitzea. Hala ere, literaturaren munduan, J.Conrad, Vladimir Nabokov, Milan Kundera eta beste autore asko ere aurkituko ditugu, beren literatura-hizkuntza aukeratu eta beren idazketa-ereduak sortu behar izan dituztenak, hala literatura-ekoizpenerako nola haren gozamenerako bideak garatzeko. Izan ere, goian aipatutako guztiek hizkuntza aukeraketa bat egin behar izan zuten literatura sortu aurretik eta, batzuk, letren munduan lan egin dute hizkuntza ezberdinetan, adibidez, Joan Margaritek berak (1980 baina lehenago poesia gaztelaniaz bakarrik idatzi arren, handik aurrera katalanera nagusiki erabili ohi zuena). Lan-hizkuntza literarioa zehazteko premia ez da inola ere huskeri bat, hori egoera elebitasunetik ez ezik norberaren elebiduntasunetik ere abiatzen da1, eta haren ekoizpen-garapenean, Montaignen kasuan bezala2, literatura-estilo mota markatzen du. Dena den, hitz egitea eta idaztea bi gauza desberdinak badira ere, bietarako hizkuntza-gaitasun araztua behar da, nahiz eta literaturak, berez, egunerokotasunetik behar duena baino gehiago ez duen eskatzen. Literaturaren helburua litzateke, bada, modu singularrean eta beharrezkoan (ez erredundantean) adieraztea. Hau da, denontzat nabaria ez dena hizkuntzaren bidez bizitzari so egitea eta idazketaren dela medio, nabarmendutako hura erakusteko gai izatea. Eta nola egin daiteke hori? Sintaxia dela bide, alegia, edo, beste modu batera esanda, esaldi zehatzen bidez, hizkuntza jakin baten bidez eta, hautatutako hizkuntza horrek, hizkuntz ukipen egoera jakin batean beste hizkuntzekin harremanetan dagoenean, egin beharreko hizkuntza aukera suposatzen du lehenik eta behin…3 Idatzi nahi dugunaren muina transmititzen duten esaldiak lortzen ez baditugu, hori ez da behar bezala azalduko eta ezingo da irakurri, nahiz eta sentimendu koherenteak izan. Gainera, eta lehen esan dudan bezala, hizkuntza bakoitzak testu-eredu desberdinak ditu, sintaxi bereiziak, berezkoak. Beraz, aukeratutako hizkuntzan idaztea, hala nola Ionescok, Cioranek, Beckhettek, Pessoak, Borgesek edo Margaritek egin zuten bezala, horretan datza literaturaren hautu behinena…, sintaxi jakin baten bidez adieraztea, testu-eredu batzuen eta tradizio literario jakin baten aukera egitea esan nahi du hain zuzen ere, Flaubertek esango lukeen moduan. Literatura-idazketaren oinarria hizkuntza-aukera da eta, horren arabera, (sintaxi) esaldi zehatzak erabiltzea ere bada. Ondorioz, idazten hasi aurretik jakin behar dugu zer hizkuntza erabiliko dugun, zer azalduko dugun eta nola garatuko dugun horri buruzko azalpena. Poesia hitzontziaren aurka dago, eta hark agertarazitakoa gauzatuz onartuta zegoenari buruzko zalantzak sortzen ditu. Era berean, testu galkorrak proposatzen ditu, kontzientziak mugiarazteko collageak, hitz hausleak, irakurtzeko idatzia izaten direnak baina autorearen hizkuntza(k) dituen aukeren eta mugen arabera izkiriatuta betiere, Joan Margaritek erakutsi digunaren ereduaren bidetik. 1RODRIGUEZ, F. (1993). Hizkuntza, Hezkuntza eta Elebiduntasuna. Bilbo, UE 2RODRIGUEZ, F. (2011). Entsegu literarioaren bidean. Madril, Delta. 3RODRIGUEZ, F. (2020). Adostutako Tenorean. Madril, Delta. (Booktegin deskargatzeko) INFERNUA Imagina ezazu udako gau bat itsasoaren ondoan, zabalduriko izaren artean, ilargia patioko barandak zeharkatzen ari delarik, eta azalean burdin-harien itzalak amets baten musika idazteko. Imagina itzazu irlak olibondoekin, marmolezko eta heriotzezko muinoak bertan Leonardo errege delarik, kondenatuta sekula lortu ez zuen gorri kolorearen ñabardura batengatik. RAQUEL Den-dena ongi egiten irakatsi zizuten Jostaketan, txintxo-txintxo, leku seguruetara ohitzen zinen, laster desagertuko ziren leku seguruak, zeren eta ordena desordena bezain arriskutsua baita. Neskato baten gela itxiak dira, jadanik inor bizi ez den etxe baten ate-danbadak, haize-bufadak. Oso urrunetik zatoz, ahoan irribarre herabeti bat dakarzula txuri-beltzezko mundu batetik, zure amaren eta ikatz-berogailuaren mundutik, eta korridore bat garai bateko berotasuna gordetzen ez zuten oso kristal mehekin, patio bateko zeru urdinerantz galtzen zen berotasuna. Ohitu zinen zeure buruaz ez fidatzen. Ez zenuen ulertzen zer egina zenuen gaizki zuk esaten ez zenituen biraoak orain nik zuri esateko, baita destainazko keinuak zuri egiteko ere. Zeren eta maitatzen jakin izan duzu, bizitzak begietara heriotza anitz ekarri arren. Gaur berriz ere txuri-beltzezko neskato txintxo horren goxotasun herabetia dakarzu, den-dena ongi egiten ikasi zuen neskato horrena, hartara salbatu ahal izateko, hainbeste urteren bueltan gure maitasuna. GAUEZKO ORDUTEGIAK Ohean zure ondoan natzalarik, trenen joan-etorria dut aditzen, eta beraien leihoetako argi piztuek ene kopeta dute zeharkatzen gau honen belusa urratzen. Isilune bakoitzak argi gorri bat uzten dit kable eta trenbide ilun eta dirdiratsuen pentagraman nota bat. Ohean zure ondoan natzalarik, soinurik tristeena duten trenak urruntzen ditut aditzen. Agian tren horietako batera ez igotzean okertu egin naiz. Agian ongi jokatzea —zuri besarkaturik— gauezko trenak pasatzen uztean datza azkenik. HOLOKAUSTOAREN MUSEOA, JERUSALEM Kupula handiaren pean ilun zegoen eta bertan, ume hilak argi txikiak ziren ortzia bezala dir-dir. Ahots batek errezitatzen zuen amaigabeko izen zerrenda, otoitz baten gisara jainko batek inoiz entzun duen tristeena. Joana alaba etorri zitzaidan burura, ume hilak beti iluntasun berean egoten dira-eta. Zaharregia naiz: guztiengatik egin behar dut negar. Etxeak eraiki ditut, burdinazko eskeletoak dituztenak, bagoien antzekoak, eta egunen batean jendeak jadanik imaginatzen duen amaierara arrastaka eramanen dituztenak, zeren eta guztiek ikusi dute egia distira bat ur putzu zikin batean. Ume hilen areto hura ene baitan daramat. Zaharregia naiz: guztiengatik egin behar dut negar. EZ ZEGOEN URRUN, EZ ZEN ZAILA Garaia heldu da jadanik galtzen ari den bizitzak ez du minik ematen, jadanik haragikeria alferrikako lanpara baino ez dela, eta ahantzi egiten da bekaizkeria. Galera zuhurren, beharrezkoen garaia da, eta ez ailegatzeko garaia joatekoa baizik. Orain, maitasunak adimenarekin bat egiten du azkenik. Ez zegoen urrun, ez zen zaila. Bada garai bat bakardadea neurtzeko soilik ortzimuga uzten diguna. Tristura babesgarriaren garaia. CONCA-REN PAISAIA (Solivella, Blancafort) Mahastiek inguratu eta ezkutatutako bi herri, zure mina eta nire mina balira bezala. Hilerriak, argi eta garbi, urruneko bi muinoetatik elkarri begira. Aire urdin, isil eta hotzetik zehar. Bi herri horien gisara, zure mina eta nire mina ezkutuan dira. Eta berriz ere sekula ikusiko ez dugun alaba guri begira dago geure begietatik. Bizitza nekez da ulertzen, ez heriotza. Heriotzak ez du neholako enigmarik gordetzen. PLAZA PRÍNCIPE Santa Cruz de Tenerife Ene erromantizismoa ez dator ez literaturatik ez musikatik, baizik eta irlen arteko itsasbidea egiten zuten posta eta zamaontzietatik. Gogoan ditut ontzi horiek plaza batekin batera, musikarientzako tenplete bat zuen plaza harekin, Indietako ereinotzen zurrumurren azpian. Bizitzak banderarik gabeko masta astinduaren antza hartu du poliki-poliki. Posta eta zamaontziek nabigatzen jarraituko dute beti ahanzturak bildurik, itsas zabaleko gau batean bezala, bat-bateko uhain epelek astindurik, Plaza Prínciperako norabidean. PERGAMON MUSEUM Txanponaren aurpegiak urrezkoa du baina ifrentzuak, kuprezkoa, beltza eta zikina, heriotzaren urdinaz estalia. Europa barbaroak, museoaren eta musikaren Europak, badu arima ilun bat: zelatatu behar dugu Erromak beti egin zuen modura. Ilargia atera eta Marko Aurelio datorkit burura neguko bere kanpaina militarra ordoki izoztuetan, Danubio ibaiaren ertzeetan. Marko Aureliok longainaren azpian eta militar-jendailaz inguratuta ere, ahanzturaz eta malenkoniaz idazten zuen. Artearen eta filosofiaren atzean suteak eta zaldiak antzematen dira. JENDEA HONDARTZAN Emakumeak aparkatu egin du. Jaitsi eta, poliki-poliki, autotik atera du aulki-gurpildun bat. Gero, mutikoa hartu, aulkian ezarri eta oinak ongi jarri dizkio. Emakumeak ilea aurpegitik kendu eta aurki-gurpilduna itsasorantz bultzatzen hasi da, haizeak gona nola astintzen dion sentitzen duelarik. Hondartzara egurrezko pasabidetik sartu du, uretatik metro gutxira bukatzen den pasabidetik. Handik oso hurbil, soroslea itsasoari begira dago. Emakumeak mutikoa hartu du: galtzarbeetatik hartu eta uretarantz bizkarra emanda darama, oin hilek hondarrean bi ildo uzten dituztelarik. Uhainetatik oso hurbil denean, mutikoa bertan utzi eta atzera egin du parasolaren eta aulki-gurpildunaren bila. Azken metro hauek. Azken metro madarikatu, anker hauek. Metro hauek bihotza hautsiko dizute: ez dago maitasunik, ez hondarrean, ez eguzkitan, ez egurrezko pasabidean, ez soroslearen begietan, ezta itsasoan ere. Maitasuna, azken metro hauek. Beren bakardadean. UNE ERRUKIGARRI BAT Heriotza hauxe baino ez da: logela, arratsalde argitsua leihoan, eta irrati-kasete hau mahai txikian zure bihotza bezain itzalita zure kanta guztiekin betiko kantaturik. Zure azken hatsa nire baitan gelditu da zintzilik oraino: ez dut ahitzen uzten. Badakizu, Joana, zein den hurrengo kontzertua? Entzuten diezu umeei eskolako patioan jostaketan? Badakizu, arrastirian, nola izanen den gaurko gaua, udaberriko gaua? Jendea etorriko da. Etxeak argi oro piztuta izanen du. ERRUKI-ETXEA Aita fusilatua. Edo epaileak dioen gisan, ejecutado, Ama, miseria eta gosea, norbaitek makinaz idatzitako jakinarazpena jasotzen: Saludo al Vencedor, Segundo Año Triunfal, Solicito a Vuecencia seme-alabak uzteko Erruki-etxean. Etorkizuneko hotza eskabide batean dago. Umezurtz-etxeak gogorrak ziren, baina kale gorria, gogorragoa. Benetako karitateak beldurra eragiten du. Poesiaren antzera: poema on batek, oso ederra izanagatik, gupidagabea behar du. Ez dago deus gehiagorik: poesia dugu orain azken erruki-etxea. IRAKURTZEA Bertzeen bizitzetara sartzen naiz. Egunak daramatzat irakurtzen, baina orain liburutik begiak jaso ditut, zeren eta ohartu egin naiz ezer gutxi dakidala liburua idatzi zuenaz. Lotsa ematen dit ez ezagutzeak haren buru-argitasuna baizik ez. Bizi-iraute oro denborarik gabeko elkarrizketa isil moduko bat da. Beldurgarria da eta gogamenaren amildegian da gertatzen, zeru urdin hotz bat, non maitasuna irauteko modu bakarra den. IDEALA Itzal atsegin hori, ene begien ispilutik zu noiz agertuko zain egon nintzen, eta hurbil-hurbil antzeman zaitut, balkoian, udako gauetan. Isiltasune luzeetan pizten zara murru pobreetan karea argiarekin nola. Eta bertze itsaso baten susmoan, ortzimugaren mosaiko urdinaren atzean. Etxe huts honen atarian, arrosa gorriak utzi ditut, non eta zure zain egon nintzen toki berean, nor zaren, inoiz etorriko zaren jakin gaberik. AUTOPISTA Hasi du iluntzen, eta autoan Neruda-ren ahotsa bere poemak errezitatzen. Gure faroek kamioien orroen artean euria dute zeharkatzen. Antza, faroak hilobi batean ahaztutako neskato bat bilatzen ari dira, baita Nerudak sekula idatzi ez zuen poema hori ere. Egolatra eta patetikoa, ene heroia. Sentitu al zuen inoiz gau sakonean maitatzea ez dela maitasun-kantuak egitea? Neruda gizarajoa, poeta handi gizarajoa lur azpian negarrez neskato batengatik hilerri zahar batean haren zain egon ez zen neskatoarengatik lore liliz eta horiz inguraturik, Holandako zelaietan. Poemek neskato hori ezkutatzen dute, hildako txoria legez haizeak orbelaz estalia. JOAN MARAGALL Eraikitzaile zaharrek fatxadaren horman sillareak uzten zituzten beti, noizbait ondoko orubean beste eraikin bat eginez gero bi eraikinak ongi uztarturik gera zitezen. Maragallek bere artelanetan sillareak utzi zituen, guk gurea berearekin uztartu ahal izateko, egunen batean. Bere buru-argitasun zibil eta arrazoizkoak erakutsi zidan poema batek, poema on batek, beti gupidatsua behar duela, gupida ezinbestekoa delako begirunea bilatzen baduzu, eta katalanez, gaur arte behintzat, beste poeta batek ez du sekula lortu, Maragallek lortu zuen gisan. AUTOERRETRATUA ITSAS ONDOAN Ume isil hura. Jolasean bakarka. Agure-begi hauen atzean datza, eguerdiaren oldartze ikaragarriari aurre eginez itsasoaren bertseta nahasiak entzuten dituelarik, baita biluztutako gorputz herdoilduen oihua ere harrizko hondartza ondoko ur hotz eta gardenetara sartzen direlarik. Lotsaturik, ipuinen gordeleku batetik bestera egiten dute lasterka. Egizu lo ene baitan, ume babesgabea: egizu lo ene baitan, eta egizu amets errege egunaren bezperarekin, erratzak isilean hegan dabiltzala eta otsoek elurrean utzitako oinatzekin. Kanpoaldean, abrikotaz beteriko zeru dirdiratsua, eta aranez ilundutako itsaso urdina, haitzen labar beltzekin desegiten dena. Udak, alkohol hotzak begietan, ene bizitza sentiarazten dit oroimenaren hezurraren inguruko fruitu-mami baten gisa, iluna eta urre-kolorekoa. Gorde zaitez ene baitan buru-argitasun ankerretik. Errezita ezazu elezahar hura, ume grisaz eta bizikleta eskasaz mintzo den elezahar hura, aldirietako txirrindulari tristeak daramanaz. Zure bila dabil eta hurbiltzen ari zaizu. Aztalka, honuntza. AMARI EGINDAKO AZKEN AURREKO POEMA Gerla bukatutakoan, karrikara irten ginen jostaketan aritzera, eta zuk, hegazkin bat aditzean gure bila etortzen zinen harik eta hegazkinaren soinua hodei artean galtzen zen arte. Haurtzaroko toki seguru horren hondarrak dira. Behin, gogoan dut, goizaldeko ordu txikitan jaiki nintzen eta zu han zeunden, iluntasunean, sukaldean geldi-geldi, kaio baten gisan harkaitz baten arrakala batean denboralea dagoelarik. Argi ahul bat baino ez dut ikusten: existitzen ez den etxearena, hain gizarajo ez nintzela sentiarazi ninduena. Harik eta arriskua ortzimugan galdu arte. NORTASUNA Zer egin hitzekin bukaeran? Jakiteko zer naizen, soilik bilatzen ahal dut, haurtzaroan eta, orain, zahartzaroan: gaua hotza eta garbia den lekuan, oinarri logiko batean bezala. Ene bizitzaren beste zati guztia nahasmen bat da, inoiz ulertu ez dudanarengatik: sexu-zalantza aspergarriak eta adimenaren alferrikako txinpartak. Bizi behar dut tristurarekin eta zoriontasunarekin batera, gupidagabeko auzokideak. Azken egia hurbil da, gogor-gogorra eta xalo-xaloa. Haurtzaroko trenak bezala, ene ondo-ondotik pasatzean nasan jostaketan ari nintzelarik.
AURKIBIDEA Aitzin-solasa Euskaldunen animismoa eta euskara Sinesmen zaharrak eta euskal mitoaren sorrera Euskaldunen ilargi-egutegia Lauburuaren nondik norakoak Altzateko Jaun, hor zaude nonbait Ehiztari Beltzaren itzulera Ortzadarra, euskaldunen bide miresgarria Agate Deunaren bezpera Euskal inauteria eta hartzaren iratzartzea Udako solstizioa eta denboraren antolaketa euskal mundu-ikuskera zaharrean Jondoni Joane, ekibegia zeru gorenean Udazkeneko ekinozioa, Mikel Deuna eta Teodosio Goñikoaren elezaharra Arimen Gau Beltza Santomasak neguaren atarian Olentzero, negua eta solstizioa Ur goiena, ur barrena. Urtezahar gaueko erritoa. Aitzin-solasa Ttiki-ttikitandik topo egin nuen euskal mitoarekin. Amaren aldeko familia ataundarra nuen eta Amona Anttonik, gauero, euskal mitoarekin loturiko ipuinak kontatzen zizkigun. Horrela ezagutu nituen Ttortto, Mari, Basajaun, laminak, Inguma, Sugaar… eta gainerako pertsonaia magikoak. Ipuin horiek markatu eta bideratu nindutela uste dut. Orduz geroztik, euskal mitologiaz eskura nuen guztia irakurri nuen: Joxemiel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Jose Maria Satrustegi, Jose Dueso… Eta ustekabean, Euskal Herriaren sinesmen zaharrekin, filosofia bereziarekin topatu nintzen. Urteen poderioz, konturatu naiz sinesmen horiek guztiek osotasun bat eratzen dutela, eta osotasun horretan irakurriz uler daitezkeela mende luzeetan euskaldunok solstizio eta ekinozioen inguruan burutu eta burutzen ditugun ekitaldi edota jai erritual ugariak: inauteria, Donibane Gaua, Olentzero, Eguberri, Urtats eta abar luzea. Erritual horiek urtero errepikatzen dira gure egutegian, euskaldunon bizimodua nolabait egituratzen. Iragana ere gaur da. nolabait. Jai erritual horiek dira, beste zenbait konturekin batera, liburu honen orrialdeetara ekarri nahi izan ditudanak. Izan dadila liburu hau gure amona Anttoni Etxeberria Urbiztondori egiten diodan omenaldi xume eta bihotzekoa. Halaber, izan dadila ere, Euskal Herriko aitona-amona guztiei egiten diedan eskaintza, beraiek izan baitira urtez urte eta mendez mende, euskal mitoaren gurpila haien ondorengoei transmititu dietenak. Ez dadila orain, XXI. mende hasiera honetan moztu. Transmititu diezaiegun, euskararekin batera, gure seme-alaba eta bilobei. Hau ere, gure esku dago. Euskaldunen animismoa eta euskara Garai zahar-zaharretan, Paleolito deitzen dugun aro urrunean, izadia eta izadiaren agerpenak sakratutzat hartzen zituzten. Iturriak, euria, hodeiak, ortzadarra, lurra, zuhaitzak eta oihanak, mendiak, errekak eta ibaiak…. sakratuak ziren orduko gizakientzat. Honi naturalismoa deitzen zaio. Bigarren momentu batean, sakratutzat hartzen zituzten naturako elementu horietan bazela indar edo gogo bizidun bat pentsatu zuten, hau da, horien baitan numen, jeinu edota jainko-jainkosak zirela gogoetatu zuten. Bigarren urrats honi animismoa deitzen zaio. Hainbat adituren ustez, naturalismoa indarrean izan zen Paleolito osoan, eta Neolitoan, nekazaritza eta bizitoki finkoak zabaldu zirelarik, animismoa sortu zen. Animismoarekin batera lehen mitoak sortu ziren, eta horixe izan zen euskal mitoaren jaiotze garaia. Animismoaren ustez, naturako elementu guztietan, mendi zein lautadetan, zuhaitz zein oihanetan, animalia zein pertsonetan, iturri zein erreketan, hau da, izadia osatzen duten osagai guzti-guztietan bada bizi-indar bat, euskaldun zaharrek gogoa deitu zutena. Horietako asko izen bereziez bataiatu zituzten: Mari, Hodei, Basajaun, Eate, Sugaar, Ostots…. Animismoaren ustez, izaki guztiok bi zatiz osaturik gaude: gorputza eta gogoa. Gorputza hilkorra da, gogoa, berriz, hilezkorra. Gure arbaso zaharren ustetan, gorputza hiltzean, gogoa lotura guztietatik libratzen omen zen eta etxeko erleek gidaturik, ortzadarreko bidea hartzen zuten ilargira joateko. Ilargitik, berriz, gure gogoa lurrera itzultzen zen eta, beste izaki baten barruan sarturik, beste bizitza bati ekiten zion. Eta horrela betidanik eta betirako. Arrisku bakarra ortzadarreko bidean ezkutarik eta zelatan egoten ziren indar ezkorrak ziren. Hauek gure gogoak harrapatuz gero, bahiturik gelditzen ziren, gogo erratu gisa. Hori ez zedin gerta, etxeko erleen laguntza ezinbestekoa zen, ortzadarreko bidea ederki ezagutzen baitzuten. Erleak, bistan da, sakratuak ziren, eta berorika mintzatu behar zitzaien. Etxean inor hiltzen bazen, lehen berri erleei eman behar zitzaien: Erle Andereak, Etxeko Jauna hil da! Euskaldunon mundu-ikuskera biziki zaharra da, Paleolitotik datorkiguna, eta haren iturburua duela 35.000 urte inguru hasi zen isurtzen. Ordutik hona gauzak garatu eta aldatu dira, prefosta. Hastapenetako mito haiek izenez, janzkeraz, mezuz eta doinuaz aldatuz joan ziren, aroz aro, mendez mende. Eta euskara izan da euskaldunen mundu magikoaren euskarririk handiena. Euskara izan da beti euskaldunok mundua interpretatzeko eta gure barne gogoetak kanporatzeko izan dugun tresnarik zehatzen eta egokiena. Gaur, dotrina erlijioso eta materialista berrien menpe bizi garelarik, gogoeta naturalista-animista zahar haiek arrunt ahantziak ditugu, tamalez. Hala eta guztiz ere, euskararen baitan badira oraindik garai zahar haien berri ematen diguten esamoldeak. Ikus dezagun hainbat adibide: Ari izan aditza erabiltzen dugunean, ondoan jartzen diogun aditz laguntzaileak beti Nor edo Nor-Nori egituretakoa izan behar du. Adibidez: Bazkaltzen ari gara, erortzen ari zaio, kantatzen ari nintzen… Bada, berriz, salbuespena fenomeno atmosferikoekin, kasu horietan Nor-Nork edota Nor-Nori-Nork egituretako aditz laguntzailea ezartzen baitugu. Hau da, aditz pasibo batetik aditz aktibo batera iragaten gara. Adibidez: Euria ari du, elurra ari du… Badirudi, hemen, badela subjektu eliptiko edo ezkutu bat, aipatzen ez dena, baina agerian daukaguna. Eta subjektu ezkutu hori Egu edo Ortzi litzateke, euskal natura osoa bere gain hartzen duen dibinitate zaharra. Beraz, horrela litzateke: Eguk edo Ortzik euria ari du, Eguk edo Ortzik elurra ari du eta abar. Naturako fenomeno atmosferikoez ari garenean, biziki zabalduta dago aditz iragankor edo aktiboak erabiltzeko joera. Ikus dezagun. Hamar egun daramazki atertu gabe. Lehen zaparrada ederra bota du. Euria dakar. Ekaitza dakar. Eguraldi txarra dakar. Euria hasi du. Tximista bota du. Kazkabarra bota du. Ortzantza urtuki digu. Horrelakoak guztiz ohikoak dira gure artean. Izaera egile edo aktibo hori bestelako esamoldetan ere agertzen zaigu: Loak hartu nau. Lokarturik nago –loak harturik nago-, Suak etxea hartu du, Mikeltxo ibaiak hil zuen, Marinelak itsasoak eraman zituen, Beroak –harturik- nago, Hotzak –harturik- nago, Iduzkik bazterrak ditu berotu, Egun on! Halan ekarri! Badirudi Egu / Ortzi ez dela subjektu egile bakarra, ainitzetan bestelako pertsonaia mitikoek ere parte hartzen baitute: Sugaarrek baserria erre du, Ingumak gure umea eraman du lotan zegoela, Behigorrik Zelaibeltzetako oihana erre zuen, Eatek itsasontziaren oihalak ufatu zituen, Majuk txingorra bota zigun, Ostotsek trumoiaren etorreraren berri eman zien… eta abar. Euskara da gure arbasoak euskaldun bilakatu zituena, eta gu ere euskaldun egiten gaituena. Lehenagokoa da euskara euskalduna baino. Euskarak atxikitzen ditu bere baitan euskaldunen gogoetak, nahiak, penak eta desirak. Euskarak moldatzen gaitu une oroz. Animismoa urrun samarra dugun une hauetan, euskara da gure oroitzapen zaharren berma. Eta gure izate berezi horrek iraunen du euskarak diraueino. Luzaz izan bedi! Sinesmen zaharrak eta euskal mitoaren sorrera 1.- Sinesmen zaharrei buruzko hainbat gogoeta. Denok dakigun bezala, mundu bakarra dago izaki guztiontzat, baina nahiz eta mundu bakarra izan, herri eta kultura bakoitzak adierazpen ezberdina egiten du. Bizitzaren liburuan irakurtzean egiten diren irakurketa edota interpretazio ezberdinetatik sortuko dira herri guztien sinesmenak, mitologia ere deitzen duguna. Sinesmen horiek herri baten filosofia edo izate bereziaren berri ematen digute. Gure sinesmenei dagokienez, erraiten ahal dugu euskal sinesmen zaharrak ez direla kontu hutsa, gure sinesmen zaharrak izan baitira eta dira, gaur egun ere, Euskal Herriaren, euskaraz mintzo den herri honen azken arrazoi gordeak. Herri honen izate historikoaren bihotza. Bere nortasunaren funtsa eta euskaldunok egindako ekintzen lehen iturria, mundu-ikuskera berezi baten oinarria. Iturri honetatik edan dugu mende luzeetan, edan dugu eta edanen dugu, euskaldunok euskaldun, euskaradun alegia, garen bitartean. Honelakoak gara, honelakoak izan gara eta honelakoak izanen gara gure erroek bizirik irauten duten bitartean, betiko iturritik edanez. Ainitzek gauzak arras aldaturik daudela diote, gure sinesmen zaharren erranahia lekuz kanpo dagoela adierazi nahian; baina zuhaitzetan hostoak aldatzen Diren bezla, baita gure kanpoko janzkera ere, nahiz eta barneko suak, gure gogoak, betikoa izaten jarraitu. Euskaldunok mende luzeetan zehar, aldaketa paketa bat jasan dugun arren, euskaldun izaten jarraitzen dugu, eta hor euskarak, gure mintzairak ematen digun barne mezu horretan, hitz sakratuaren heredentzia genetiko horretan, gureganatzen dugu gure arbaso zaharrek ereindako sinesmen zahar eta berria, atzokoa eta gaurkoa, euskal sinesmen zaharra deitzen duguna. 2.- Euskal mitoaren sorrera eta garapena hitz laburrez. Euskal sinesmen zaharrak Paleolita Aroan du lehen iturria, Kristoren aitzineko 43.000. urtean, euskal gizaki zaharra Europa osoan hedatzen zelarik. Garai hartan, gure arbasoek behera begiratu zuten AMALUR aurkituz. Gero begiak altxatu eta zerurantz begiratuz, Amalurraren alabak ezagutu zituzten: Eguzki edo Eki, bizitzaren jainkosa eta Ilargi, heriotzaren jainkosa ederra. Hor hasi zen euskal mitoa. Gure arbaso zaharrak ehiztariak eta ibiltariak ziren. Lurraren seme-alabak zirela uste zuten eta Amalurra gurtzen zuten. Kristoren aitzineko 30.000 . urtean, amalurrarekin loturiko jainkosa zabaldu genuen Europa osoan zehar. Mari, Maia, Lur, Amalur, eta bestelako izenez deitzen genuen. Euskaldunen jainkosa handi honek hiru ezugarri handi biltzen zituen bere baitan: amatasuna, emetasuna eta emankortasuna. Izadia edo natura ezagutu genuen momentuan hasi ziren gure mito naturalistak sortzen eta haiekin loturiko pertsonaiak: Lur, Ur, Iturri, Hodei, Eguzki, Eki, Itsaso, Ibai, Euri, Laino…. Izadian, gure inguruan, ulertzen ez genituen fenomenoak eta gertaerak ziren, eta horiei adierazpen logikoa bilatu nahian, gure arbasoek sinesmen animistak sortu zituzten. Horrela amets gaiztoak Ingumak sortuak dira, tximistak edo orziak Sugaarrek urtukiak dira, Behigorrik erretzen ditu etxeak eta oihanak, Majuk botatzen digu kazkabarra, Marik hodeiak igitaiaz zabaltzen ditu euria sortuz eta abar. Eta emeki-emeki euskaldunen gertaera historikoetan ere azaltzen zaizkigu. Horrela Basajaunek engainatu zuen Teodosio Goñikoa bere burasoak hil zitzan eta ez zedin Iruñeko lehen erregea izan. Bizkaiko lehen jauna izan zen Jaunzuri Sugaarren semea zen eta Nafarroako erresumako erregeak ilargi beteko gauetan altxatzen ziren errege, Ilargi jainkosaren benedikazioa atzemaitean. Paleolitoan sorturiko euskal sinesmena aldatua iritsi zen Neolitora. Ordurako pertsonaia berriak sortuak ziren, eta gizakiak teknika eta lanabes berriak ezagutzen zituen. Horrek eragin zuen aldaketa. Eta historian sartu ginenean, hau da, erromatarrekin lehen harremanak ukan genituelarik, hau da, Kristoren aitzineko 178. urtean, mundu berri bat aurkitu genuen, inperioarekin etorritako bizimodu berria, kontsumoa, latina, egitura, teknika, lanabes eta ekoizkin berriak…. Honek ere aldaketa handia eragin zuen euskal mitoan. Pertsonaia berriak sortu ziren eta zahar batzuk ahantzi. Ordutik, mendez mende, gure mitoa garatu eta aldatu da, mito eta erlijione guztietan gertatu den bezala. XX. mendeko azken erdialdean euskal mitoak bizirik irauten zuen Euskal Herriko eremu zabaletan, batez ere, laborari eta artzain munduari loturik. Hortxe bildu zituen Joxemiel Barandiaran antropologo eta etnografo handiak gaur egun horren ezagun egiten zaizkigun mito eta pertsonaiak: Mari, Ortzi, Egu, Maju, Atarrabi, Mikelats, Amalur, Eki, Ilargi, Ortzadar, Euri, Adur, Aide, Aidegaixto, Akerbeltz, Alarabi, Argi, Balbe, Basajaun, Behigorri, Eate, Hegoi, Ehiztari Beltza, Herensuge, Etsai, Gaizkin, Galtzagorri, Gauargi, Gaueko, Gorritxikiak, Ieltsuak, Ihizi, Inguma, Intxixuak, Itzularri, Izuargi, Laino, Maide, Mairi, Mamur, Mikeldi, Muru, Hodei, Ostebi, Oihulari, Sugaar, Tartalo, Iturri, Leize, Amazkar, Marimunduko, Tronagarru, Mamaorroak, Ostots, lamiak, jentilak, aztiak, sorginak, Kixmi, Olentzero, Martinttikiren ipuinak eta abar luze-luzea. Hauxe da euskaldunok bizitzari eman diogun adierazpen logikoa, naturatik edan dugun filosofia berezia, bizitzaren liburuan irakurriz sortu eta garatu dugun mundu ikuskera. Euskaldunen ilargi-egutegia Aintzin-aintzinetik gizatalde ezberdinek euren egutegiak egiteko zeruko astroak hartu zituzten erreferentzia gisa, eta beraien mugimenduan oinarriturik, beren denbora eta eguraldi neurketak atera zituzten. Batzuk eguzkiaren mugimenduaz baliatu ziren, besteak berriz, ilargiarenaz. Azkenekoen artean gure arbaso zaharrak, garai bateko euskaldunak. 1.- Gure lexikoaren berezitasunak. Gure egutegiari dagokionez oso lexiko berezi eta aberatsa daukagu. Ikerlari batzuren ustez URTE hitz berak euri edo uren sasoia edo denboraldia adierazi nahi omen digu. Eta HIL edo HILABETE HITZAK ilargiak zeruan zehar egiten duen ibilaldia osatzeko beharrezko denbora. Beste era batez esana, ilargiak jaioz geroztik, hazteko, betetzeko, ttikitzeko eta hiltzeko behar duen denbora zehatza litzateke. Oso kontuan hartzekoa da honako trilogia: HIL aditza, (H)ILARGI astroa eta HIL EDO HILABETE. ASTE hitzari dagokionez, HASI aditzetik letorkigukeela diote. Eta agian, ilargiaren biziak dituen lau fase edo urratsei legokien kontzeptua izanen litzateke. Gaur Euskal Herrian, mendebaldeko beste herrietan bezala, darabilkigun egutegia latinoen eskutik etorritako egutegi eguzkiarra da, gregoriarra deitutakoa. 2.- Urtaroak eta aste egunak. Euskal egutegi ilargiarraren defendatzaileek esaten dutenez, hasiera batean euskaldunek bi urtaro bereizten zituzten bakar-bakarrik: UDA eta NEGUA. Egutegi eguzkiarra zabaltzean egokitu beharrean aurkitu omen ziren, eta honela sortu ziren tarteko beste bi urtaroak: UDAberria edo NEGUazkena eta UDAzkena edo NEGUlehena. Asteari dagokionez badirudi aintzineko euskal astea soil-soilik hiru egunez osaturik zegoela: asteLEHENA, astARTEA eta asteAZKENA. Eguzkiar egutegia sartzean, egokitzapenak egin behar izan ziren eta honela sortu ziren aste eguzkiar bat osatzeko falta ziren beste lau egunak: OSTEGUNA/ORTZEGUNA (OSTI edo ORTZIren eguna), OSTIRALA/ORTZIRALA (OSTI edo ORTZIren egunaren hurrengoa), LARUNBATA (ez dut bere esanahia ezagutzen) eta IGANDEA (IGARO aditzetik dator, zazpi egunetako zikloaren igarotzea baita). Ostegun eta ostiralari dagokienez, garbi ikusten dugu OSTI/ORTZIren izena barruan, baina orain dator galdera, zein ORTZI aipatzen dute , paganoa ala giristinoa ? Kontuan izan izen berak balio izan zuela sinismen zaharretako jainko handia eta kristau erlijioko jainkoa izendatzeko. Azkenean JAUNGOIKOA hitza izango da geldituko dena, eta oihartzun jentilak bere baitan gordetzen zituen ORTZI izena desagertuko dena, baina kristau fedearen lehen mendeetan Ortzi izan zen euskal kristauek erabiltzen zuten izena euren jainkoaz hitz egiterakoan. Eta ene aburuz, aipaturiko bi aste egunak garai hortan sortuak izan daitezke, fede berriarekin batera egutegi eguzkiar erromatarra zabaldu eta gurera egokitu egin zenean. Bestelako izenak badaude, eta horietako batzuk latineratik edo beste erderetatik hartutako mailegu garbiak dira. Beste batzuk berriz, zahar-zaharrak ditugu: MARTITZENA (asteartea), EGUASTENA (asteazkena), EGUENA (osteguna), BARIKUA ---baraua egiteko eguna--- (ostirala), EGUBAKOITZA, NESKENEGUA (Zuberoan), ZAPATUA ---juduen sabath-etik hartua--- (larunbata), DOMEKA ---Dominicus Dies = Jaunaren Eguna---, JAIEGUNA, IGANTEA (igandea). 3.- Hilabeteen izenak. Hilabeteen izenak arras ugariak dira, batzuk nekazal munduarekin arrunt uztarturik daudenak, eta beste batzuk latineratik hartutako mailegu hutsak direnak. Azken horien artean aipagarrienak: MARTXOA, APIRILA, MAIATZA, ABUZTUA, SETEMERA ---zubererazko iraila--- eta abar. Ikus ditzagun hamabi hilabeteak banan banan: - URTARRILA. (Urte - hila) Urtearen lehen hilabetea baita. HILBELTZA, HILBALTZA eta BELTZILA esaten zaio ere, dirudienez eguraldiaren iluntasuna adierazteko. Nafarroako zenbait herritan IZOTZILA esaten diote, garai hontako horma edo izotza agirian uzteko. - OTSAILA. Hilabete honetan otsamak arreske jartzen dira, eta hortik emen datorkio izena. Zuberoan berantila deitzen diote. KATAILA oso zabaldurik dago, katamak arreske eta mauka biziz egoten baitira. Garai hauetan zezenak mendietatik larreetara jeisten zirela eta, zenbait tokitan ZEZENILA deitzen zaio. Asko aditzen den izena HILTXIKIA da, hilabeterik laburrena delako. Zuberoan BARANTAILA esaten diote. - MARTXOA. Latineratik hartutako mailegua. Gipuzkoako Goierriko zenbait herritan MARTSOA ahoskatzen dutelarik. EPAILA deitzen zaio ere, garai honetan egiten baitzen lehen belar mozte edo epaitzea. - APIRILA. Latineratik dator. JORRAILA oso zabaldurik dago, hilabete honetan jorratu egiten baitzen. OPAILA ere erabiltzen da, hilabete honetan egiten ziren azienda eta barazki opak edo eskeintzak oroitzen digularik. - MAIATZA. Bi aurrekoen antzera, hau ere mailegu latinoa dugu. Gure artean LORAILA deitu zaio, loreen lehen garaia dela adierazteko, eta baita ORRILA eta HOSTILA ere, lehen orri edo hostoak sortzen direlako - EKAINA. Udaburua edo udako solstizioarekin lotutako garaia. Hortik datorkio izena: EKI + GAINA, biziaren eta eguzkiaren jainkoa den EKIk zeruko GAINA ukitzen baitu. Bestelako izenak: GARAGARRILA, garagarraren hilabetea, BAGILA, babarena eta Zuberoan ARRAMAIATZA (maiatz berria alegia). Nafarroako iparraldean EREINARO edo EREIRO deitzen diote, hau da, ereiteko aroa. - UZTAILA. Uzten hila da, bere izenak garbiki esaten digun bezala. Zenbait tokitan GARILA deitzen zaio, gariaren garaia dela adierazi nahian. - ABUZTUA. Mailegu latinoa. AGORRILA eta AGORRA oso zabalduta daude, eta ematen duenez, lehorte edo agorteen garaia dela oroitarazi nahi digu. DAGONILA ere oso ezaguna dugu. Lopez Mendizabal tolosarraren ustez UDA-GOREN-HILA litzateke. Nafarroa Beherean TILISTARO deitzen diote, tilista edo dilisten garaia dela burura ekarriz. - IRAILA. Iratzeak edo irak jasotzeko hilabetea litzateke. GAROILA deitzen zaio ere, garoak edo iratzeak sinonimoak izaki. Zuberoan SETEME(RA) mailegu latinoa erabiltzen da. Iparralde osoan, Zuberoako euskara zaharraz irailari BURUILA deitzen diote. Badirudi zikloren bat-edo burutzen dela hilabete honetan. - URRIA. Urritasunaren hila. Zuberoan LASTAILA deitzen diote, garai honetan lastoa egiten dela gogorarazteko. Beste tokitan BILDILA deitzen diote, azken bilketen garaia dela garbi utzi nahian. - AZAROA. Azen aroa ote? Edo hazia ereiteko aroa? Xiurrenik bigarrena. HAZILA ere deitzen zaio, hazia ereiteko garaia baita. GOROTZILA deitzen zaio beste zenbait tokitan, gorotza edo zimaurra zabaltzeko garaia dela esateko. Beste izena: GAZTAINAZITUA, gaztaina heldua edo hazituaren garaia dela adierazi nahian. - ABENDUA. Latinerako “adventus” (iritsiera)-tik dator. NEGUILA esaten diote ere, neguaren hasiera dela agertarazteko. Aurrekoarekin loturiko izena HOTZARO litzateke, hilabete honetan hotza azaltzen dela esan nahian. ILUNILA --iluntasunaren hila--- eta LOTAZILA --- hazilan ereindako hazia lotan dagoen hila--- arrunt ospetsuak direlarik. 4.- Gure egutegiaren bestelako izenak. Amaitu dezadan aipatuz urteko zenbait egun berezi izendatzeko darabilzkigun izen bereziak. URTEBERRI edo URTATS ---urtearen lehen eguna---, URTEZAHAR edo GABONZAHAR --urtearen azken eguna---, OLENTZERO ---abenduaren 24a--- badirudi OLES egiteko AROA esan nahi duela, AGURTZEKO GARAIA alegia, bera baita jentilen sinismen zaharren oroimena eta fede kristaua uztartzen dituen eguna eta EGUBERRI (Eguzki berria jaiotzen den eguna) ----abenduaren 25a--- Ikusi ahal dugunez, nahasmen handiak, lokarri korapilatsuak gure egutegian erabilitako lexikoan errepikatzen zaizkigunak, baina denbora berean, bertan zerbait bitxia eta berezia dagoela argi eta garbi adierazten digutenak. Lauburuaren nondik norakoak Euskaldunok tipi-tipitatik ikusi izan dugu gure artean lau buruko ikur bitxi bezain eder hau. Beste garaietan abertzaletasunaren ikurtzat hartzen genuen, bere barruan ezkutaturik balego, kanpoan guztiz galarazirik zegoena. Bera zen gure nazio sentimenduen iturri isila, gure euskal nortasunaren altxor gordea, eta berarengan jartzen genuen askotan gure ikusmira, bera bailitzan gure izaera bereziaren oinarria, gure euskal kontzientzia zanpatuaren zimendu bizia. Bera zen bandera eta suziria denbora berean, iragan ezkutuaren, orainaldi sufrituaren eta etorkizun askearen lotura magikoa. Itsaso eta izarra, sufrikario eta esperantza, iraganeko sustraiak eta geroko hegalak, izaera bera baten “atzo, gaur eta bihar” hitz batean. Eta horregatik, gure haur-esku dardaratiaren bidez, gure karpetak, liburuak eta kaierak, era guztietako lauburuz jantzi ziren gure ikasle-gogoetak beste dimentsio ezberdin batera eramanez. Bat-batean, Bigarren Gerla Handiari buruzko film eta komikiekin topo egin genuenean, samindura eta tristura handiz, gure lauburuak senide gaizto bat zuela ikusi genuen. Gure lauburu ederra eraile nazien sinboloa bihurturik, nola ote? Ezin genuen ulertu, gure idealen ikurra, gure izaera eta askatasunaren sinboloa alemaniar nazien eskuetan eta banderetan. Nola eta zergatik? Zorionez, laster bilatu genuen irtenbidea, bereizketa. Alemaniar naziena karratua zen bitartean gurea biribildua baitzen eta beraienak ezkerretara begiratzen zuen bitartean, gureak berriz, eskuinetara. Eskerrak! Handik aurrera bide horretatik abiatu ginen, gure lauburu biribildu guztiak eskuin alderantz orientatuz. Hala ere, zenbait hilobi eta etxetako lauburu karratuak eta ezker alderanzkoak ikusterakoan kezka eta zalantza pizten zitzaizkigun gure baitan, baina ez ikusiarena eginez, aurrera jarraitzen genuen geurearekin. Beraiek beraiena eta guk gurea, bai horixe! 1.- Esbastikaren zabalkundea. Nahiz eta lauburua gure kulturan elementu handia izan, gaurko euskaldunok ondotxo dakigu lauburua eta bere izen generikoaz ezagunagoa den esbastika, ez dela bakarrik gurea, munduko lau haizetara zabaldurik dagoenez, gizateria osoarena baizik. Europa, Asia eta Ameriketako zibilizazioetan ikus daiteke, India, Txina eta Tibetetik Alemania, Euskal Herria eta Islandiaraino. Aztekengandik grekoenganaino. Beraz, munduko mutur batetik beste muturreraino. Kontuan hartu beharra daukagu esbastikak oso itxura bereziak har ditzakeela, hori bai mamizko izaerari ongi eutsiz. Alde batera edo bestera begira dezake, hiru, lau, sei, zortzi,... beso edo buru ukan ditzake, nahiz eta gure artean lau burukoa zabalduena izan; eta bere besoak karratuak edo biribilduak izan daitezke. Esbastikarik zaharrena Trantsilvanian aurkitu da eta dirudienez, Neolitoaren azken garaian egina omen dago. K. a. XIV. mendeko zenbait arrastotan agertzen zaigu berriro, eta baita Iliongo (Troiako) aztarnen artean ere. K. a. IV. mendean Indiako kulturan ikus daiteke, eta Txinan K. o. V. mendean. Mende bat beranduago, hots VI.ean, Japonian agertzen da eta garai hartan zabaltze-garapenean zegoen budismoak bere ikurtzat hartu zuen. Geroztik mundu osoan zehar zabaldurik ikusi ahal izan da, Grezian, Erromatar Inperioan, Germaniar Herrietan, Euskal Herrian, Bretainian, Errusian, Tibeten, bikingoen artean, Ipar eta Ertamerikako indiar kulturetan... XX. mendean, alemaniar nazismoak odol arioaren sinbolotzat hartu zuen, berarekin batera bere teoria arrazistak zabalduz. Bitxikeria bezala, aipatu beharra dago, 1925. urtean, Panamako kuna izeneko indiarrak matxinatu zirenean guardia nazionalak akabatuz eta beren lurretan “TULE” izeneko errepublika independentea aldarrikatuz, hondo laranjako ehunean egindako gurutze gamatua1 banderatzat hartu zutela. 2.- Esbastikaren sinbologia magikoa. Bai Europan, bai Asian eta bai Ameriketan, esbastika ikur magikotzat harturik izan da. Sinesten denez, berotasuna eta energiaren iturria, biziaren hazia,... sinbolizatzen dituen eguzkia eta bere etengabeko mugimendua agerrarazten dizkigu. Erdigune batetik sortzen diren karratu edo biribil itxurako besoek (hiru, lau, sei, zortzi,...), eguzkiaren berotasun eta energiaren etengabeko dantza, jira-bira, adierazi nahi omen dizkigute. Ikusten dugunez, esbastika bi aldeetara bira daiteke. Ezkerretara mugitzen bada levogiroa edo ezkerbirakaria deitzen zaio eta eskuin alderantz mugitzen bada, berriz, destrogiroa edo eskuinbirakaria. Eta badirudi, aurkako mugimendu bikoitz honetan hartzen duela esbastikak bere sinbologiaren zentzurik handiena. Aitzinean daukagun edozein esbastika interpretatzeko orduan erne ibili beharra dago. Eskuin alderantz mugitzen den esbastikaren buruak ezkerrerat begira geldituko dira, eta ezker alderantz mugitzen delarik, berriz, buruak eskuin alderantz begira geldituko dira. Hori ongi barneratu behar da interpretazio egoki bat egin ahal izateko. Antzinako gizaki naturistak, mundua, osotasuna, bi aldetan banatzen zuen, bata ezkorra, gaiztoa, txarra, ankerra, itsusia,... eta bestea berriz, guztiz aurkakoa, hots, baikorra, ederra, ona, goxoa, jatorra,... eta bitasun honen erdian errotzen zituen bere izatea, bere bizia, eta baita bere inguruko izaki guztiena ere. Horrela, esbastika destrogiroak baikortasuna adierazten digun bitartean, levogiroak, berriz, bere aurkako zuzena, ezkortasuna alegia. Beste batzuek esbastika suarekin eta trumoiarekin lotu egiten dute, germaniar mitologian egiten den bezalaxe, baina bere barneko bikotasuna beti gordez eta agerian utziz. Alemaniako ideologo naziek, tibetar lamek bezala, ondotxo ezagutzen zuten esbastikaren sinbologia ezkutua eta horregatik bai lehenengoak eta bai bigarrenak baliatu izan dira bere esanahiaz eta bere itxuraz, beren asmoak eta gogoetak azalarazteko. Hitlerren banderan esbastika levogiro ezkorra ezartzen zuten etsaien artean porrota eta etsipena zabaltzeko asmotan. Ez da kasualitatea, Errusiako frentea irekitzerakoan, Hitlerrek Kaukasoko zenbait menditan, eta eskalatzaileen bitartez, gurutze gamatuaren entseina gorri-beltza ipinaraztea, eta ez da kasualitatea ere, Tibeteko lamategietan2 garai onak edo txarrak azaltzeko gurutze honi ematen dioten erabilpen grafiko adierazkorra. Euskal Herrian, nahiz eta sinbologia hau jadanik guztiz galdurik egon, eta duen zama apaingarria ahaztu gabe, lauburuaren eta zortziburuaren3 erabilpena euskal nortasunaren baieztatze eta finkatzearen prozesuan sar genezake. Gauza bera egin genezake Bretainian hiruburuarekin4, beraien nortasunaren eta nazionalismoaren banderatzat harturik baitaukate. Esbastikaren bitasunak antzekotasun handiak ditu munduko hamaika bazterretan, esate baterako, ekialdetarren oinarrizko printzipioen ikur magikoa den ying-yang delakoarekin, edo aurkako bi aurpegi zituen Jano jainko erromatarrarekin... edota euskaldunon sinesmenetan agertzen zaizkigun aurkakoak diren jainko-jainkosen bikote ugari eta esanguratsuekin: Mari eta Maddu, Atarrabi eta Mikelats, Eki eta Ilazki, Amalur eta Itsaso, Ostots eta Sugaar... Gaur egun, esbastikak bizi bizirik dirau munduko edozein bazterretan, herri eta kultura ugarien etxeetako hormetan, liburuetan, eraikinetan, apaingarrietan,... bere misterio gordea agerian utzi nahiko baligu bezala, bere magia esoterikoa beti agerian eduki nahiko balu bezala,... edo agian, bere besoen arteko esteka-gunean5 ezkutatzen duen mugagabeko indar ikaragarria berriro gure artera askatu eta zabaldu nahiko balu bezala. Auskalo! Altzateko Jaun, hor zaude nonbait Aspaldian, mendizaleagoa nintzen garaian, Gipuzkoako Ugarte herrixkako borda batean lo egin nuen. Borda hartan baginen neskez eta mutilez osaturiko lagun-talde bat. Gaua iristean norbera bere lozakuan sartu eta hor hasi ziren horietako batzuk kontu kontari, txisteak, ipuinak, gertakizunak… Ipuinetako batzuk penagarriak ziren, beldurgarriak besteak,… eta horrela ipuin eta kontakizunen artean gau iluna pasatzen ari ginen. Koadrila hartan bazen Maitere izeneko neska donostiarra, eta kontatzeko txanda iritsi zitzaionean, Altzateko Jaunaren legenda xarmangarria azaldu zigun. Hura entzuten ari nintzela, nire belarriek gure arbaso zaharren garai urrunetara eraman ninduten, eta antzinako Euskal Herri hartan, jentil, basajaun, lamina eta sorginen mundu magikoarekin egin nuen topo. Dardarizo batek nire gorputz osoa astindu zuen. Han zeuden, kontakizun hartan, gure herriaren sustrai zaharrak. Kontakizunaren amaieran Xabier Letek Altzateko Jaunari eskainitako bertso ederrak kantatu zizkigun: Altzateko Jaun / hor zaude nonbait, / zure lurrera itzultzeko zai. / Gure izatearen / testigu zuzena, / makurtu gabeko / zuhaitz lerdena, / desertuko haizeak / legortu ez zuen lorea, / itsasoaren kolorea / hor zaude zu! Hamasei salbe, / hamalau kredo, / erderaz entzunagatik, / bazenekizun / hori ez zela / sekulan guretzat egin. / Urrezko dukate / eta dirua / ez dira engainu txarrak, / alde batera / apartatzeko / lehengo sinismen zaharrak. Merkatarien aldamenera, / amildegian, / goitik behera, / ohar gabean / eroriko gera, / baina guztiok / jakin dezagun / bidea nondik / dijoan. / Altzateko Jaun, / hor zaude zu! Bide batetik, / okertu gabe, / esan dezagun bertsoa, / ixil-ixilik / kanta ditzagun / euskaldunen sekretuak. / Herri zahar baten / oharpen haiek / nola ditugun galduak, / zenbat itxura / alda lezazke /eguna hil zuen / gauak. Bidasoaren / ezker-eskuin, / udaberrian / lore gorriak, / ixilitako / ur izkutuak. / Mendetan zehar / kantu lagunak / noizbait latinez lurperatuak, / laster berpiztu / behar duguna! Larrun gainean / sorginen dantzak, / nabaitzen ditut / arratsaldean; / lurrak badaki / kontu hoien berri. / Eta hor dago / ixil ixilik. / Altzateko Jaun / hor zaude nonbait, / zure lurrera / itzultzeko zai. Egun hartatik aurrera, maiz pentsatu dut Altzateko Jaunaren legendaz, eta maizago oraindik, bere sortzailea den Pio Barojaz. Bere liburua bilatu nuen eta berehalaxe irakurtzeari ekin nion. Orduz geroztik bospasei aldiz irakurri dut. Liburu honen bidez, gure iragan sekretua hobeto ezagutu nuen, Pio Barojak itsasoko uraren gardentasunaz azaltzen baititu gure aberriaren psikologia eta filosofia bereziak. Badakit bere idazlan guztiak erdaraz idatzi zituela, baina nire ustez, idazlan horietan islatzen den espiritua guztiz euskalduna da. Batzuek Baroja Unamunorekin alderatu dute, biek erdaraz idatzi zutelako, baina nire irudikoz bada aldea bi idazle handiren artean. Barojak ez zuen bere arima saldu, ez zuen gure kultura errekara bota, ez zuen gure iraganaz eta gure izaeraz ernegatu, Unamunok egin zuen modura. Barojak bere euskal nortasunari eutsi zion. Ez zen tradizionalista, aurrerakoia baizik, eta maisuki jakin zuen garai bateko sustrai zaharrak eta balore berriak uztartzen. Eta nire hitzei nolabaiteko sostengua eman nahian, hona hemen Altzateko Jaunari buruzko ipuinari Barojak emandako berdingabeko amaiera. Itzulpena nirea da. Altzateko etxean, antzinako zeremonia batzuk ospatu dira, baina hauxe dena isiltasun handienean. Hildakoaren eskuan dukate bat jarri dute, gorpua etxetik atera dutenean zerraldoaz etxeko bazter guztiak jo dituzte, eta azkenean, etxeko erle eta gainerako abere guztiei etxeko jaunaren heriotzaren berri eman diete. Hainbat adiskidek Jentilen Harrira otoitz egitera joan nahi dute haien nagusi eta laguna izan denaren ohorez, lehengo sinismen zaharrek agintzen duten bezala. Altzateko Jaunaren gorpua jadanik etxetik kanpo datza, eta orain apaizek zarata eta doinu handiz gori-gori kantatuz, eliza berriaren ondoan dagoen kristau hilerrira ehorztera daramate. Elizako ezkilek dilin-dalan, dilin-dalan… etengabeki jotzen dute. Pater Prudentius-ek: Lur santuan lurperatzera daramagun gizon hau jentila zen eta bere bizitza osoan inoiz ez ditu eliza santuaren aginduak ontzat hartu. Eskandaluagatik ez balitz, lur santutik kanpo ehortziko nuke nik. Pater Fanaticus-ek: Bai horixe! Zuk diozuna litzateke onena, ziur aski, dagoeneko, gizon honen arima infernuko garretan kiskaltzen egongo baita! Pater Angelicus-ek: Jaungoikoak barkatuko du! Pater Fanaticus-ek: Barkatu, nola? sakramentu santuak ez baititu onartu. Arbelaitzek (Altzateko Jaunaren lagun zaharra): Berak ez zuen inondik inora ere, horren gaizki zegoela pentsatzen! Pater Fanaticus-ek: Ez zuela pentsatzen? Fededun bati horrelakorik ez zaio inoiz burutik ahazten. Federik ez zeukanez infernua merezi du. Pater Angelicus-ek: Jaungoikoaren barkamena mugagabea da! Pater Fanaticus-ek: Altzateko jauna bekatari handia zen, elizaren aginduak betetzen ez zituen maltzur alua. Olazabalgo ama gazteak: Gezurra dirudi, erraten dutenez, Altzateko Jauna ez omen da hil kristau on baten modura. Zarrateako ama gazteak: Jexux, Maria eta Joxe! Hamaika ikusteko jaioak gara. Gu, altzatearrak betidanik izan gara hagitz kristau onak. Arbelaitzek: Ene lagun gaixoa! Hain ausarta eta hain ona! Zuk borrokatu zenituen eta laster gure tiranoak izanen diren beltzez jantzita ibiltzen diren horiek hemen dira zure heriotza ospatzen. Ostalariak: Hauxe dolua! Bere auzoko gizonek bi dozena axuri jan dituzte eta upela bat ardo edan, eta beraien atsoek edan duten pattarra eta txokolate pila kontuan hartu gabe. Ai, astero horrelakoren bat hilko balitzaigu! Xagit-ek (Altzateko eroa): Jaun gaixoa! Nire lagun gaixoa! Nork defendituko nau orain? Ttikik ---Altzateko Jaunaren beste lagun bat-- Arbelaitzi: Ba al dakik zer erranen dudan? Arbelaitzek: Zer? Ttikik: Jaun ez dela hil erranen zieat, bere hil-kutxa lurrez beteta zegoela, eta Jaun bizi-bizirik dagoela, eta gainera, ez dela inoiz hilen. Bai horixe! Hori bera erranen zieat! Larrun mendiko leize-zulo ilun batean ezkutatuta dagoela eta hor barruan izanen dela gure Euskal Herria katolikoen esklaboa den bitartean! Eta gure herriaren ordua iristen delarik, Jaun gure artera berriro agertuko zaigula Ortzi handiak emandako mailuaren bidez gezurretan eta morrontzan eraikitako mundu berri hau suntsitzera eta baita askatasunarekiko gurtzea ere berriro ezartzera! Arbelaitzek: Eta nork sinistuko dik hori? Ttikik: Zuek! Gezur handiagorik ez al dizuete sinistarazten? Katolikoen kontuak ez al dituzue sinisten? Orduan ba! Arbelaitzek: Bai, halaxe duk! Egia! Baina hik ba al dituk katolikoek dituzten kartzelak, urkamendiak, epaileak, borreroak, soldaduak… jendea konbentzitzeko? Ttikik: Ez, horrelakorik ez zaukaat! Arrazoia duk! Buka dezadan ene gogoeta hau, Pio Barojak Altzateko Jaunaren ahoan jartzen dituen hitzak hona ekarriz. Horretarako, Altzatekoaren eta euskaldunen arteko elkarrizketa eder batez baliatuko naiz. Euskaldunek: Ortzi, hemendik entzuten dugu zure ahots indartsua.Gureganaino iristen da zure harrabotsa Zatoz, zatoz mendebaldeko lurralde hauetara! Utz ezazu gauerdiko eguzkiaren lurraldea! Dena hasiko da berriz, dena itzuliko da bere sustraietara! Zu ere, itzuliko zara! Ortzik: Agur, agur itsasaldeko Auñamendiak,, mendi eder eta argitsuak, haran epel eta berdeak! herrixka polit eta laztanak! Agur euskaldun zaharrak, agur neskatxa alai eta dantzariak! Basamortu izoztuetatik nire azken agurra igortzen dizuet, menturaz, nire azken agurra izanen dena. AGUR, AGUR, AGUR BETIKO, AGUR!! ! Ehiztari Beltzaren itzulera Udazkeneko haizeak indarrez ufatzen zuen 2016ko abenduaren lehen egunetako horietako batean, Azkaingo ostatu batean nintzela, hainbat saratarrekin topatu nintzen. Horietako bat ezaguna nuen eta agurtu ondoren elkarrekin hizketan hasi ginen. Laborariak ziren, ahoan euskara ederra zutenak. Udazkeneko eguraldiaz mintzatzen ari zirela, hirurogeita bost urte inguru zituen horietako batek aspaldian ahantzia nuen gaia plazaratu zuen. Bai lehengoan, etxean ginela apezaren zakurrak aditu genituen, kanpora atera eta urruntzen ari zen itzal bat ikusi ahal izan nuen. Ihiztari Beltza zen. Nehork ez zuen fitsik erran. Nik, hasieran, nahasi samar gelditu banintzen ere, entzun berria nuena nire oroitzapenetan ongi ezin kokatuz, gero zertaz ari zen ulertu nuenean, ausardia aterata, galde egin nion. Ainitzetan ikusi duzia? ---eta berak naturaltasun osoz ihardetsi--- Ainitzetan ikusi ez, baina aditu bai, ainitzetan! Nik istorio hau nire burutik arras ezabatua nuen. Urteak ziren horretaz deus entzun edota irakurri gabe nintzela. Horregatik laborari saratarrak kontatutakoa ezuste galanta izan zen niretzat. Etxera itzulita, Ihiztari Beltzaz ezagutzen nituen datuak eta kontakizunak biltze eta antolatzaileari ekin nion. Hori izan zen Ihiztari Beltzaren itzulera ene gogora. 1.- Mitoa Euskal Herrian. Badirudi mito hau biziki zaharra dela Euskal Herrian, Pirinioaren bi aldeetan, eta baita Europako beste zenbait eskualdetan ere. Baina noiz eta non sortu zen? Ihardespenik ez dago. Zaharra dela bai, garai zahar-zaharretatik datorkigula bai, baina deus gehiagorik ez. Idazle ausart baten lumatik Paleolito Arotik etor zekigukeela irakurria dut. Idazle horrek Paleolitoko ihiztari zaharrekin lotzen zuen mito honen sorrera. Agian, nork daki. Gauza da zabalkunde handiko mito zaharra dela eta horren zaharra izaki, aldaera ugari dituela. Mito honek ihiztari baten irudia dakarkigu gogora, beti ihizean, bere zakurrekin batera, dabilen ihiztari amorratua. Euskal Herriko hainbat tokitan kontakizun zaharra eraldatua izan da, eta jentil izatetik giristino izatera iragan da. Horrela ihiztari beltz hori apeza dela diote. Behin, ihiztari handia zen apez hori meza egiten ari zela, erbi bat pasatu zen hurbiletik. Apezaren zakurrak zaunka eta erbiari segika hasi ziren. Apezak meza bertan behera utzi eta zakurrekin batera erbiaren gibeletik abiatu zen ziztu bizian. Orduz geroztik horrela omen dabil, nehoiz harrapatzen ez duen erbiaren atzetik. Kontakizunak dioenez, horrela, erbia ezin harrapatuz, ibiliko omen da eternitate guzian. Beste bertsio batean erraiten zaigu Ihiztari Beltza ez zela apeza, Salomon erregea baizik. Ipuin bera da gure luze-zabalean errepikatzen dena baina izenak dira aldatzen direnak. Gipuzkoako Ataunen Mateo edo Martin Txistu deitzen zaio, Zuberoan Salomon erregea edo Errege Salomon deitzen diote, izen bera aipatzen dute Oiartzunen, Soraluzen Juanito edo Joaniko txistularixa, Salomon apaiza edo Priski-Joan Usurbilen, Martin abade Gesalibarren,… Horretaz gain, Ehiztari edo Ihiztari Beltza eta Apez edo Apaiz Ehiztaria bezalako izenak gure geografia osoan erabiltzen dira. 2.- Mitoa Europa zabalean. Pirinioaren bi aldeetako herrietan mito hau arras zabaldurik dago. Gaskoinian Artus Erregea izen zeltaz deitzen dute. Katalunian Comte Arnau (Arnau kondea) da zabalduen duten izena, baina horretaz gain honako hauek erabiltzen dituzte: Caçador Negre (Ehiztari Beltza) eta Mal Caçador. Aragoin Cazataire maldito (Ehiztari madarikatua) eta Roberto El Diablo (Roberto Deabrua) erraiten zaio. Baina bitxia bada ere, erran behar dugu mito hau Pirinioetatik kanpo, Europako eskualde zabaletan hedaturik dagoela. Europan Ehiza Basatia da gehien erabiltzen den izena. Izen ezberdinak baina mito bera leku guztietan, ehiztari mamu bat –edota ehiztari mamuen talde bat- zeruetan zehar edo zelai eta oihanetatik barna etengabeko ehizan dabilena. Ekaitz bortitzetan edo haizeak indarrez ufatzen duenean azaltzen omen da gehien-gehienetan. Ehiztari multzo horren buruzagi pertsonaia historiko edo mitologiko ospetsu bat jartzen dute: Teodoriko Handia, Xarloman, Artur erregea, Valdemar Atterdag errege daniarra, Wuodan jainko germaniarra, Wuotis Heer jainko suitzarra, Arawn Galesko jainkoa… edo beste horrelakoren bat. Gogora dezagun euskaldunok ere Salomon errege izena erabiltzen dugula. 3.- Euskal Herriko hainbat kontakizun. Mito honen inguruko kontakizunak ugariak dira euskal herrietan. Hona hemen Gipuzkoako Tolosan kontatzen dutena: Aspaldi, apaiz bat bizi omen zen, parrokia bat bere kontu zuena. Eguna joan eguna etorri, ez zuen zeregin handirik izaten bere elizan; hortaz, nahiko astia izaten zuen gogoko zaletasunerako: ehizarako, alegia. Auzotar eta parrokiarrek "Mateo Txistu" deitzen zioten, haren txakurrak harrapakin baten bila atera zitezen egiten zizkien txistuak zirela eta. Herritarrek irribarre eta txutxu-mutxu artean aipatzen zuten apaizaren zaletasun hori. Halako egun batean, giza-arimaren ahuleziaren bila ibiltzen den deabrua azaldu zitzaion Mateo Txisturi, zaldun adeitsu baten itxuran azaldu ere. Baina apaiza, berehala jabetu zen hain gizon dotorearen benetako nortasunaz. -Zer nahi duzu, gaizkile? -Galdetu zion bat-batean, eta deabruak harriturik erantzun: -Nik?, ezer ez! -Orduan, zergatik zaude hemen? Apaizak txistu egin zien txakurrei, eskopeta hartu eta basoan barrena deabruaren begi bistatik desagertu zen. Deabrua barregarri geratu izanaren ustean, mendekua nola hartu pentsatzen eman zituen egun batzuk, eta azkenean aurkitu zuen mendekurako era egokia. Igande batean, Mateo Txistu meza erdian zegoenean, erbi zuri batek muturra sartu zuen sakristiako atetik. Apaizaren zakurrak sakristian zeuden, eta erbia ikusi zuten bezain laster belarriak altxa eta zaunka bizian hasi ziren. Apaizak meza eten, eta begirada bat bota zuen sakristiarantz, iskanbilaren arrazoia jakin nahian. Ezusteko galanta hartu zuen, atean erbia ikusi zuenean, tente, bere bila joateko deika ari bailitzan. Apaizak ez zuen luzaroan pentsatu. Meza bertan behera utzi, eliztarrak txundituta ahozabalik, eskopeta eta txakurrak hartu, eta erbiaren atzetik abiatu zen. Geroztik ez zen haren berririk izan. Ez zen inoiz itzuli. Hala ere, harez gero ugari dira bere txakurrei txistuka. sumatu dutenak, besteek zaunka tristeak entzun izan dituzte eta zenbait gau garbitan apaiza, txakurrak eta erbiaren irudiak antzeman daitezke ilargiaren argitara, beren amaierarik gabeko joan-etorrian. Oso antzekoak dira Euskal Herri osoan zehar entzun ditzakegun kontakizunak. R. Mª Azkuek kontatu zuenez, Olaetan Ihiztari Beltza Joaniko Txistu izenaz ezagutzen zuten, eta bertan kontatzen zenez, Mari Urrikaren kusia omen zen. Soraluzen erraiten dutenez erbia ez da egiazko erbia, deabrua baizik. Kortezubin kontatzen dutenez, apezak ezin izango du nehoiz gelditu, ezta ogi puska bat eskatzeko ere. Biziki berezia da Aezkoan kontatzen dena. Bertako istorioek diotenez, ekaitz bortitzeko gauetan, haizeak Iratiko zuhaitzak astintzen dituenean, izpiritu gaiztoek Albreteko Joana III.-aren hilotza arrastaka eramaten omen dute. Oroit dezagun Joana III.a protestanteen erregina babeslea izan zela, eta katolikoen erranetan, lamiek eta sorginek eramaten omen dute haren gorpua Nafarroako erresumaren lurretan barna. Hori omen da haren bekatuagatik etorri zaion zigor eternala. 4.- Ondorio gisa. Modu batean edo bestean, Ihiztari Beltzaren mitoaren gibelean bada arras zabalduta dagoen kontakizun eta sinesmen zaharra, hedadura handikoa, gainera. Euskaldunok ere gurea egin dugu, eta nortasun berezia eman diogula erran daiteke. Eliza katolikoaren eskua ere atzeman dezakegu herrietan aditzen diren kontakizunetan: apez beltza, Salomon erregea, Joana III.aren zigorra… Badirudi mito zahar horretan, aroz aro eta urtez urte moldapen eta aldaera franko egin direla. Giristinoek eman diote, antza, gure artean duen azken itxura. Joana III. gaixoak ez zuen horrelako istorio itsusirik merezi, jakina. Istorio hauek ez dira gure artetik nehoiz desagertu, bizi-bizirik iraun dute baserrietan eta laborarien artean, batez ere. Hirietan aspaldian dago gure iruditeria kolektibotik desagertuta. Nik ere, arrunt ahantzia nuen, ezabatuta nuen nire gogoeta magikoetatik. Ustekabean, laborari saratarrak apezaren zakurrak aditu zituela kontatu zidalarik, nire gogoak gibelera jauzi egin zuen eta garai bateko oihartzuna ekarri. Niretzat iraganerako itzulera izan zen, nire haur denboretara egin dudan itzulera, Ihiztari Beltzaren itzulera, azken finean. Ortzadarra, euskaldunen bide miresgarria Gure sinesmen zaharren barruan zeruak edo unibertsoak izan dituen indar eta eragin handia ukaezina egiten zaigu, nonahi eta noiznahi azaltzen baitzaigu berarekin erlazio zuzena duen elementuren bat. Garai bateko euskaldunen dibinitate handia, osotasuna bere baitan hartzen zuen dibinitatea, ortziarekin identifikaturik azaltzen zen, hortik datorkio bere izena: Ortzi, Osti…. garai zaharragotan Egu deitu zutena. Baina Europako beste kultura zaharretan zerua gizonezko batekin (Zeus, Jupiter, Thor…) identifikatzen zuten bitartean, gurean zeru hori duala zen, hau da, bere baitan bi sexuak hartzen zituen. Hori dela eta, Ortziz hitz egiten dugularik, ezin dugu jainko edo jainkosa batez hitz egin, dibinitate batez baizik. Berarekin lotura zuzena dute zeruarekin loturiko beste hainbeste kontzeptu edota pertsonaia magiko: orzuri, ostots6, oskorri, oskarbi, ostarte… eta baita oraingoan aztertuko dugun ortzadar edo ostadar ere. Sinesmen naturalista-animista guztietan gertatu den bezalaxe, gurean ere, izadian diren fenomeno atmosferikoak zenbait pertsonaia mitikorekin lotu izan dira. Garai zaharretan fenomeno haiek ezin ziren logika zientifikoaz azaldu, hori dela eta, mundu magikoarekin lotutako izaki bereziren bidez egiten zuten. Eta naturaren eta izaki magikoen arteko identifikazio horretan oinarritzen zen gure kosmos ikuskera zaharra. Horrez gain, oso kontuan hartu behar dugu mundu magiko horren bidez gure arbaso zaharrek izakien (eta gizakien, prefosta!) hilkortasunaz, bizitza mugatuaz adierazpen konformista eta itxaropentsua bilatzen zutela. Beste modura esana, bizitza mugatuari sentidu bat xerkatzen zioten. Dibinitate eta izaki harrigarriz josiriko mundu hartan gizakiak ongi ulertzen zuen bizitzaren misterioa. Mundu magikorik gabe, gizakiarentzat bere inguruan zegoena arrunt ulergaitza egiten zitzaion. Nola ulertu bestela, inongo zientziarik gabe, zer den izarra? edo eguzkia? edo ilargia? edo itsasoa? edota lur bera? Haatik, natur elementu horiek jainkotzean, eta gizakien munduarekin parekatzean, dena ulergarriagoa egiten da, eta are gehiago, ulergarritasun horri esker, gizakia konformismo batean murgildurik hobekiago bizi daiteke. Eta horixe da herri guztiek, milurtekoetan zehar egin dutena. Norberak bere bideak aukeratu ditu, norberak bere izakiak eta istorioak eraiki ditu, eta norberak ere bere irtenbide eta gogoeta hausnartu ditu biziak egunerokoan azaltzen dizkigun era guztietako eragozpen eta gertakizun ulergaitzetan. Garai bateko euskaldunek gauza bera egin zuten, beraien bidea aukeratu eta kosmos ikuskera oso bat eraiki. Den guztia, osotasuna, izaki batengan pertsonifikatu zuten. Ortzi, Urtzi, Osti, Ostri… (hastapenetan Egu) deitu zioten, eta bere baitan irudikatu zuten zegoen guztia: ezaguna eta ezezaguna. Hori dela eta, bere baitan sartu zituzten ona eta txarra, ederra eta itsusia, euskara eta erdarak, euskaldunak eta erdaldunak, arrak eta emeak, gizonezkoak eta emakumezkoak… hau da, izatean aurki daitezkeen dualismo guztiak, gure lehen sinesmen hura arrunt manikeista baitzen. Dualismo horretan izaki magikoak ere sartu zituzten: Mari eta Maddu, Amalur eta Itsaso, Atarrabi eta Mikelats, Eki eta Ilargi… Eki amandrea bizitzaren jainkosa zen, Amalurren alaba, berotasuna eta uztak lurrera ekartzen zituena. Amalurren alaba ere izan arren, Ilargi Ekiren aurkako zuzena zen. Heriotzaren jainkosa zen, hotza, gerrak, eta negua ekartzen zituena. Eta Eki eta Ilargiren arteko etengabeko talka horretan oinarriturik baziren beste izaki magiko zenbait, horietako bat: Ortzadar, lurra eta zerua bere koloreanitzeko uztai7 magikoaz lotzen zituen dibinitate xarmangarria. Ortzadar, hau da, Ortziren adarra, (Ostadar = Ostiren adarra) amaigabeko gurpil batean lotzen diren hasiera eta bukaera, bizitza eta heriotza dualismoen konkrezio metafisikoa daukagu; bera baita lurra eta zerua lotuz, gure gogoen Ilargirenganako bidea ahalbideratuko duena. Edozein izakik, gure sinesmen zaharren arabera, bi zati ditu: gorputza edo estalki fisikoa eta gogoa deitzen zuten bizi-indar espirituala, kristauek arima deitu izan dutena. Gorputzak hiltzean, gogoa libratzen da, eta Amalurrekin bat egiten du. Eki eta Euriren ezteiak direnean, hau da, Ortzadar koloretsua zeruan agertzen denean, gogoak bide hori hartuko du gogo ororen bilgunea den Ilargirengana joateko. Horretarako etxeko erleek erakutsiko diete zein den bide zuzena, eta non dauden zelatan ezkutaturik era guztietako izaki gaizto ezkorrak. Bide horretan galtzen zirenak, edota zelatan dauden indar ezkorren hatzaparretan erortzen zirenak gogo erratu edo hildako bizidun bilakatzen ziren, modu batez edo besteaz, Ilargirengana iristea lortzen zuten bitartean. Hori dela eta, euskaldun bat hiltzean, lehen berri etxeko erleei ematen zitzaien honako esapidea erabiliz: Erle andereak, Etxeko Jauna hil da! Erle andereak, etxeko Perutxo gurea hil da! Baina Ilargi ez da bizitzaren azken geltokia, bizitza berri baterako lortu beharreko gunea baizik. Ortzadar dugu, beraz, bizitza eta heriotza, behin eta berriro, berritzen eta bideratzen dituen pausu metafisikoaren euskarria, etengabeko ibilaldiaren zubi magikoa. Lehen esan dugun bezala, Ortzadar da Ilargirengana bizidun ororen gogoak eramaten dituen bide koloretsua. Baina gogoen bidea ez da Ilargirengan amaitzen. Heriotzaren jainkosa zuriak, gaueko zeruaren begiak, bere kolkora iritsitako gogo guztiak hartzen zituen bere baitan, hartu, babestu, eta euriaren bidez berriro munduratu, behin eta berriro, hasierarik eta amaierarik gabeko gurpila osatuz. Euri Ekirekin ezkontzean, Ortzadar sortzen zen bezalaxe, Euri izaten da orain munduratzeko bide edo bitarteko berria. Berak itzultzen ditu gogo guztiak Amalurren kolkora, eta bera da sortzear dagoen beste izaki batengan sartzen dituena. Horixe zen gure arbasoen sinesmenen muina edo ardatza, bizia, osotasuna, dagoen guztia inoiz hasi eta inoiz bukatuko ez den etengabeko ziklo edo zirimola batean murgiltzen da. Ezer ez da sortu, ezer ez da hilen, aldatuko baizik. Horrela izan da betidanik eta horrela izanen da betiko. Munduak ez du ez aurrerik eta ez atzerik, ziraldoka dabilen errealitatea da. Ortzadarrek heriotzaren bidea ziurtatzen zuen bezalaxe, Ilargik berpiztearen momentua adierazten zuen. Ortzadar eta Ilargi txanpon beraren bi aldeak ziren: bizitza/heriotza, heriotza/berpiztea. Hau da, betidanik eta betiko dagoen izatearen bi aldeak. Arestian aipaturiko funtzioaz gain, Ortzadarrek bazuen beste ahalmen bat, izakien sexua aldatzekoa, hain zuzen ere. Gure kondaira eta esaera zaharretan esaten denez, bere uztai azpitik igarotzen denari sexua aldatzen zaio, hau da, pasatu aurretik arra zena, irtetean emea izanen da. Aunitzen urtez, hauxe zen, kosmos ikuskera zaharrean homosexualitateari ematen zioten azalpen logikoa. Guztiz naturala zen aukeratzat hartzen zuten, norberaren aukeran zegoen sexubidea. Ortzadarren uztaiaren azpitik pasatzea, batzuetan ustekabekoa izan bazitekeen ere, normalean norberak libreki hautatutako ekintzatzat hartzen zuten. Ez dezagun ahantzi, sexuaren dualismoa sakralizaturik zeukatela. Kristau erlijioaren etorrerarekin batera, zenbait gauza sinbiosi batean lotu baziren ere, beste asko desagerrarazi zituzten, aurreko mundu paganoaren aztarnak zirelakoan. Boterea kristau kosmos ikuskerarekin lotzean aurreko kosmos ikuskera zaharrarekin loturiko elementuak baztertu egin zituzten. Balore berriak sortu ziren, azalpen kosmogoniko berriak planteatu ziren, eta fede berriaren ezarpenak aurrekoaren ukazioa ekarri zuen. Naturako elementuak biziki uztarturik zeuden garai bateko izaki magikoekin, hori dela eta, hiztegi berria zabaltzeari ekin zioten. Ortzia zena zeru bilakatu zen, ostotsa trumoi… eta ortzadarra Erromako Zubi, botere politiko-erlijioso berriaren bihotza non zen argi utziz. Agate Deunaren bezpera Euskal Herriko neguko jaietako bat dugu, Agate Deuna, Dona Agata edota Santa Ageda saindu eta martiri giristinoaren egunarekin loturik dena. Saindu honen eguna otsailaren 5a bada ere, Euskal Herrian erritual guztiak bezperan egiten dira. Euskal Herri osoan ospatzen da, baina Bizkaian sekulako indarra hartzen du besta honek. Euskal giristino tradizioari jarraiki San Migel litzateke Euskal Herriaren zaindaria, irailaren 29an, eta Agate Deuna gure zaindarisa. Santa Ageda bezpera dugu, Euskal Herriko eguna, etxe guztiak kantuz pozteko aukeratua duguna ---dio gure geografiaren luze-zabalean zabalduen dagoen kobletako batek. Historiak erraiten duenez, Agate Deuna siziliarra omen zen, 230. urtean sortua. Biziki neska ederra zenez, Erromak Sizilian zuen Quinciano izeneko gobernadore paganoak Agateren amodioa erdietsi nahi izan zuen. Agate, berriz, giristino sutsua omen zen, eta ez zuen Quincianok ezkontzeko egin zion proposamena onartu. Gobernadoreak ez zuen ongi hartu neskaren ezezko erantzuna eta biziki haserre zelarik, Agate kartzelan zuen sartu. Honek ez zuen neskaren deliberoa aldatu eta orduan borreroen esku utzi zuen tortura zezaten. Bularrak moztu egin omen zizkioten eta hogeita bat urte zituela, hil zen 251ko otsailaren 5ean. Giristinoentzat neskato hau izan da Europako mendebaldean izan duten lehenengoetako birjin martiria. Eta zer egiten du saindu siziliar honek Euskal Herrian? Eta holako indarraz, gainera! Ongi aztertu beharreko gaia da, dudarik gabe. Batzuek diotenez, marinelek eta itsasgizonek ekarri zuten neska horren historiaren berri euskal portuetara, eta hortik zabaldu omen zen gure lurralde osora. Baliteke. Badira, berriz, jai hau ainitzez zaharragoa dena erraiten dutenak. Hauen ustez, neguko solstizioaren ondorengo jaietako bat izan liteke eta otsailean oraindik lo dagoen lurra iratzartzeko errito zaharrekin loturik legoke. Hauek diotenez, bazen jai zahar bat egun horietan, eta giristinoek Agate Deunaren tradizioa ezarri omen zuten tradizio jentil zaharraren gainean, Eguberri egunean, edota udako solstizioarekin, Jondaine Joaneren eguna jarriaz, egin zuten bezalaxe. Nork daki! Modu batean edo bestean, gauza da euskal usaian Agate Deuna abere gisa irudikatzen dela, gehienetan ahuntz edo katu itxuraz. Nafarroa Garaiko Ablitas herrian uste zutenez, Agate Deunaren bezperako gauean banatzen omen ziren hurrengo urte osorako ekaitzak. Euskal Herri osoan ohitura handia dago bezperan kopla zaharrak bidez bide eta etxez etxe abesteko. Parte hartzaileek makila bana eramaten dute eskuan eta lurra joz erritmoa markatzen dute. Euskal jantzi tradizionalaz jantzita ibiltzen dira gizonezkoak zein emakumezkoak, eta eskutan daramaten kriseiluen argitan ibiltzen dira diru edota janari eskean, kopla zaharrak kantatzen. Gehienetan, koplako bertsoak lagun batek edo bik abesten dituzte eta gainerako guztiek errepika edo leloa kantatuz erantzuten diete. Herri bakoitzak bazituen bere kopla bereziak, eta gainera, ainitzetan, urtez urte aldatzen omen zituzten. Dena den, badira bi bertso Euskal Herri osoan, zenbait aldaerekin, errepikatzen direnak. Honatx: Zorion etxe hontako denoi, oles egitera gatoz. Aterik ate ohitura zaharra aurten berritzeko asmoz. Ez gaude oso aberats diruz ezta ere oinetakoz, bainan eztarriz sano gabiltza ta kanta nahi degu gogoz. Santa Ageda bezpera degu Euskal Herriko eguna; Etxe guztiak kantuz pozteko aukeratua deguna. Santa maitea gaur hartu degu gure bideko laguna; Haren laguntzaz bete gentzake egun hontako jarduna. Antzina, mutil gazteak bakarrik ibil zitezkeen gau horretan kantari, baina XX. mendeko azken hamarkadan jai hau emakumeentzat eta adin guztietako jendearentzat zabaldu zen. Hainbat herritan, jai hau, biziki loturik dago inauteriarekin. Herri askotan, bezperako gauean, elizetako ezkilak jotzen zituzten eta laborariek zahato zaharrak erre eta gero errautsak bildu eta pentze eta soroetan zabaltzen zituzten suteak eta izurriak aldentzeko. Iparraldean ere tradizio zahar-zaharra dugu, eta herriz herri, auzoz auzo, etxez etxe eta bidez bide kantatu izan dira eta oraindik kantatzen dira gaur. Donibane Lohizunen Begiraleak elkarteak antolatzen zuen besta hau, baina azkeneko hamarkadetan aski galdua egon da. Azken urteetan indarrez berpiztu da, eta gainera ohiko kantuen artean, beste honako hau ere abesten dute. Xabier Soubeletek egina da eta Agate Deuna izena du. Agate Deuna gurea, martiri ezaguna, euskal makilek gurea bilakatu dutena. Agate, Agate Deuna ospatzen duguna, bezperaz eta urtez urte kantatzen duguna. Agate Deuna, Agate amodiozko izate. Agate Deuna, Agate, denek zaitugu maite. Agate Deuna gurea zer gaztigu dorpea, gogorra da bularrak moztea, emetasuna galtzea. Agate, Agate deuna, ahazten ez dena, euskaldunen eredu behin bihurtu zena. Agate Deuna, Agate amodiozko izate. Agate Deuna, Agate, denek zaitugu maite. Agate Deuna gurea, guk abesten duguna, emazte on ta aurre-egile etsigabetuena. Agate, Agate deuna guk maite duguna, betiereko esker ona zor dautzuguna. Agate Deuna, Agate Otoi erruki zaitez, Agate Deuna, Agate denek zaitugu maite. Euskal inauteria eta hartzaren iratzartzea Herri guztiek beren animalia totemikoak izan dituzte, eta euskaldunon artean hartza izan da mende luzeetan mirespen eta begirunea jaso dituena. Gure arbasoen gogoan hartza zen biziaren ametsa, etengabeko gurpil ibiltaria hobekien islatzen zituena. Neguan lotan gelditzen da udaberriaren zain, Amalur berberari gertatzen zaion bezalaxe, eta hartza iratzartzean lurra esnatzen zaigu. Bere loaldi eta iratzarraldiarekin urtero errepikatzen zaigun biziaren zikloa idurikatuz. 1.- Hartzaren kosmos ikuskera zaharra eta tximinoaren etorrera. Garai zaharretatik datorkigu euskaldunoi Paleolito Aroan, leize-zuloetako iluntasunetan landutako sinismen erlijiosoa. Zulo haietan, mundu izoztu hartan euskara eta euskaldunok sortu baikinen. Gure mintzaira eta gure izaerarekin batera, biziari buruzko ikuspegia, gure kosmos ikuskera berezia, gure sinismen zaharra alegia, garatu genituen. Herri egin ginen eta Herri izan ginen eta gara ordutik gaurko egunetaraino. Gure sinismen zaharra arrunt naturala zen, eta izadian eta bizian finkatzen zituen bere zainik sakonenak. Bertatik edaten zuen eta bertatik eraikitzen zuen bere izatea. Kosmos ikuskera honetan murgildurik zegoela, euskal gizakiak, euskaraz egiten zuen gizon-emakumeak alegia, ez zuen bere burua naturako jaun eta jabetzat hartzen, mundua ez baitzen berea. Bera mundukoa zen, munduko eta naturako izaki bat gehiago. Bere gainetik baziren bestelako izakiak, baita azpitik ere. Ez zekien nondik zetorren, ezta nora zihoan ere. Baina gogoeta honek ez zuen euskal gizakia kezkatzen, betidanik eta betirako zegoen mundu magiko baten partaidetzat hartzen baitzuen bere burua. Mundua ez zegoen gizakiaren neurrira egina, eta mundu bizidun hori urtero lotan, ia hila, gelditzen zaigu, gero negua igarota udaberrian berriro esnatzeko. Biziaren garaipena da. Etengabeko zikloaren errepikapen mugagabea. Hartzaren loaldia eta iratzartzeak hori idurikatzen zion Auñamendietako bi aldeetan bizi zen herri euskaldunari. Eta hau dela eta euskaldunek hartzaren seme-alaba edo ondorengo bezala ikusten zuten euren burua. Hartzaren klanekoak ziren eta hartza gurtzen zuten biziaren urteroko ibilaldia gurtu nahian. Ekialdetik etorritako sinismen berriaren ardatza gizakia zen, Jaungoikoak egindako gizakia. Erlijio fede berriak hasiera (genesia) eta amaiera (apokalipsia) aldarrikatzen zituen Jaungoikoak gizakiaren neurrira egindako mundu batendako. Kosmos ikuskera berri honetan mundua, izadia, dena... gizakiarena da, bera baita jaun eta jabea Jainkoak emandako mundu honetan. Antropozentrismoa edo gizazentrismoa nagusi da erlijione berrian, eta euskaldunei izugarri kostatuko zaie hau ulertzen. Euskaldun jentilek (giristino ez direnek), giristinoen jainkoari KIXMI (= tximino, tximu) deitu zioten, gizakiak sinismen berrian zuen nagusitza adierazteko. Tximinoaren klana iritsia zen Euskal Herrira eta bi sinismenak aitzinez aitzin kokaturik zeuden, hartza eta tximinoa, mundu magikoa eta antropozentrismoa. Darwinek gero,espezieen garapena dela eta, gizakiok tximinoen ondorengotzat hartuko gaitu. Guk, gaurko euskaldunok, Xiberoan oraindik egiten den bezala, hartzaren ondorengotzat hartu beharra daukagu gure burua, hartzaren inguruko mitoan kokaturik baitago gure lehen amets paleolitiko hura, gizon-emakume eta euskaldun egin gintuen kosmos ikuskera magiko naturalista hura. 2.- Hartzaren garrantzia euskaldunon inauterian. Hartzaren irudia eta euskal inauteria arrunt uztarturik daude. Lurrak bere bizia du, eta bizi zikliko horretan badira aldeak: eguzkia eta uztak alde batetik, negua, izotza eta landare eta animalien loa bestaldetik. Garai zahar bateko gizakiarekin antzeko zerbait gertatzen zen. Urtaro edo sasoi epeletako denboraldia arras emankorra zitzaion bitartean, urtaro hotzetakoa babeserako eta aisiarako denboraldi luzea baitzen. Prozesu honen adibiderik onena hartza zen. Neguan lo leize-zuloetan, aitzin-historiako gizakiaren antzera, eta bedatsean, lurraren ernaltze berriarekin batera iratzartzen baitzen. Inautea urtarriletik martxo bitarte dagoen denboraldi luze magikoaren idurikatzea da. Hartza, gizakia eta lur beraren loalditik izadiaren esnatze bitarteko denboraldia alegia. Negua eta udaberria, loa eta berpiztea, izotza eta eguzkia lotzen dituen denbora luze magikoa. Hau dela eta euskal inauterietan, lurra iratzartzeko soinu handia egiten duten tresnak jotzen dira (joareak, adarrak,...) Amalurren kolkoan lo dagoen Eki jainkosa (eguzkia) berriro lur azalera jalgi dadin, berotasuna eta bizia ekarriz, uztak sortaraziz. Soinuarekin batera, sorgin gaiztoak, izpiritu edota indar ezkorrak uxatzeko tresnak azaltzen dira (ixopoak, erratzak, behor-isatsak, sorgin-guraizeak,...) Heriotzaren jainkosa den Ilargiren neguko erresuman askatutako eta zabaldutako indar gaizto horiek guztiak behin betiko aldentzeko.. Inauterietan elkarren aurkako bi indar azaltzen dira: baikorrak, onak, ederrak, (Eki, eguzkia, bizia, berpiztea, berotasuna, uztak, argitasuna, udaberria,...) eta ezkorrak edo gaiztoak (Ilargi, herioa, loaldia, hotza, izotza, uztarik eza, negua,...) Xiberoako maskaradetan bi indar hauek biziki ongi bereizturik daude. Gorriak alde batetik: eguzkia, bizia, udaberria, onura,... eta beltzak bestaldetik: ilargia, herioa, negua, bizimodu aldrebesa,... Elkarren arteko lehia bizian aritzen diren bi indar hauen arteko zubia edo lotura hartza da, negua eta udaberria uztartzen dituena, edo beste modu batez erranik, inauteria edo hartzaroa, azken finean inauteria hartzaren iratzartzearekin estu loturik baitago. 3.- Hartza Euskal Herriko hainbat inauteritan. Hartza eta inauteriaren arteko lotura dela eta, hartza idurikatzen duen pertsonaia ia euskal inauteri guztietan azalduko da: Isturitzekoan, Donostiako kaldereroetan, Zubieta eta Iturengo zanpantzarrean, Donibane Lohizune eta Ziburuko inautean, Xiberoako maskaradetan (zoritxarrez gero eta gutxiagotan)... eta abar luzean. Batzuetan hartza idurikatzeko bestelako pertsonaiak azaltzen zaizkigu, zakuz eta trapuz jantzita eta belar onduz edo lastoz beteta: Lantzeko Ziripot, Lesakako Zaku Zaharrak,... eta abar. Honek guztiak gure inauteriak hartzarekiko duen lotura zehatza azalarazten digu. Garai zaharretan Paleolito Aroko leize-zulo haietan hartza gurtzen genuen eta gaurko Euskal Herri honetan hartza gurtzen dugu, inkontzienteki bada ere. Udako solstizioa eta denboraren antolaketa euskal mundu-ikuskera zaharrean Antzinateko euskaldunen mundu-ikuskera biziki lotua zegoen izadiaren irakurketarekin, hau da, natura, mundua, giza-ibilera… interpretatzeko eta ulertzeko berezko gogoeta eta filosofiarekin. Euskaldunak bere burua izadiaren baitan kokatzen zuen. Izadia ez zen berea, gizakia ez zen izadiaren jaun eta jabea, osagai bat baizik, elementu bakan bat osotasunaren barruan. Ikuskera naturalista-animista honetatik abiatuz, garai bateko euskaldunak haren inguru osoa antolatu zuen: bizitokia, ehiza, jainko-jainkosekiko harremanak, gizarte bera… eta baita denbora ere. Denboraren nondik norakoak kontrolatzea eta antolatzea arras garrantzitsua zen aro zahar haietan, denboraren antolaketaren bitartez naturaren ezagutza eta gizartearen egituraketa bermatzen baitziren nolabait. Horrela sortu ziren lehen egutegiak. Gure egutegi zaharra sortzeko euskal arbaso zaharrek solstizioak eta ekinozioak hartu zituzten ardatz, ilargiaren eta eguzkiaren balizko mugimenduei erreparatuz. Ilargi eta Eki Amalurren bi alaba handiak ziren, ortzian edo zeruan euskaldunek gurtzen zituzten bi jainkosa handiak. Lehena gauarekin, iluntasunarekin eta heriotzarekin lotua. Baliteke bere izena ere horrekin erlazionaturik egotea: (h)il + argi. Bigarrena, haren ahizpa, egunarekin, argiarekin eta biziarekin lotua. Bi dibinitate horiek funtsezkoak izan ziren euskaldunen lehen mundu-ikuskera finkatzeko orduan. Ama-lurra, bizidun guztien ama, dugu, zalantzarik gabe, hastapenetako euskal mitoaren erreferentzia nagusia, eta sinesmen ororen abiapuntua. Amalurren bi alaben arteko oreka desiragarria eta komenigarria izateaz gain, edozein antolaketa burutzeko ezinbesteko oinarria da, eta oreka horretatik sortzen dira Euskal Herrian ditugun urtaro edo sasoiak. Badirudi garai zaharretan urtea bi zatitan banatzen zutela: negua eta uda. Negua litzateke neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denboraldi hotz, ilun eta hitsa; gainerako guztia uda litzateke. Bi aro eta bi egoera ezberdin, izadiaren bi aldeak. Lehendabizikoan hotza da nagusi, bigarrenean, berriz, eguzkiak protagonismo osoa hartzen du. Etimologiari jarraituz, badirudi urte ur eta –te atzizkiaz osatua den hitz eratorria dela, eta uraren zikloa edo horrelako zerbait adierazi nahiko lukeela. Mendi eta bortuetako elurra urtzean hasiko litzateke –zenbait adituren iduriz— eta berriz hau errepikatzean amaituko litzateke. Urtearen antolakuntzan eguzkia funtsezko elementua zen. Gure arbasoek izaki biziduna zela uste zuten, urtero zeruan ziklo bat betetzen zuena, urtero sortu eta hiltzen zena. Neguburuan (neguko solstizioan) hiltzen zela uste zuten, edo hobeto esanda, data horietan eguzki zaharra hil eta eguzki berria jaiotzen zela. Hori zen, azken finean, eguberri zaharra, eguzki berri baten sortze-eguna. Sineste hau Europa zahar osoan zabaldurik zegoen eta hori bereganatu nahian, giristinoek hortxe kokatu zuten Jesus haurraren natibitate edo jaioteguna. Horrela erlijio berriak eguzki berriaren sortzea Jesusen jaiotzaz ordezkatu zuen. Euskal Herrian izena eta guztiz bereganatu zuten. eta horrela Eguberri erabili izan dugu Jesusen Natibitatea izendatzeko. Zuberoan, dena den, Natibitate hitza erabiltzen dute. Neguburuan sortutako eguzki berri indargeak neguan zehar egin beharko du aitzina, Ilargiren indar ezkorren aurka borrokatuz eta lehiatuz. Pittaka-pittaka bidea eginen du eta azkenean, udaberriko ekinozioan indarberriturik agertuko zaigu. Lehen udaren garaipena da, uda etorri berriaren irabaztea, udaberriaren etorrera. Neguan lurra lokarturik dago, hartz totemikoa, gure arbaso zaharrek Paleolito Aroan leize-zuloetan ezagutu zuten izaki miresgarria, lotan dago. Ama-lurraren kolkoan lo, lurra bezalaxe; eta gizaki zaharrak hartzaren hibernazio edo neguloa imitatu zuen hotzaren eta iluntasunaren aurkako bizimodu latz hartan. Hartzaroa da, hibernazioaren aroa, garai sakratu ilunaren tenorea. Olentzero horrekin uztarturik dago, eguna, pertsonaia eta baserrietako tximinietan pizten zuten Olentzero-enborra izenekoa. Su indargearen jaia da, sua pizturik iraunarazten duen pertsonaia. Neguarekin eta hartzaroarekin loturik bada beste kontzeptu bat: inote, inaute edo inauteria deitzen duguna, ino/inau + -te atzizkiaz osaturik dena. Hau da, eguzki indargabearen aro ilun eta luzea. Negua, hartzaroa, inautea, beraz, denboraldi bera izendatzeko euskaraz ditugun izen ezberdinak dira. Euskal inautea aberatsa dugu, gure lurralde guztietan zabaldua dena, urtero erritoz betea errepikatzen duguna. Gizakiak inautearen bidez izadia iratzarri nahi du eta horretarako era guztietako soinu eta burrunbak egiten ditu, joareak astinduz, adarrak joz, kantu ozenak abestuz edota dantza azkarrak eginez. Lurra esnatu beharra dago, hartza lozorrotik atera, eguzkia ama-lurraren kolkotik irtenarazi, euskal gizarte zaharrari lur azaleko antolakuntza itzuli… Eta azkenean, urtero horrela eginez, eguzkia indartuko da eta udaberria zaigu itzuliko. Bedatsearen hasiera izanen da. Belar eta kimu berrien hatsa edo hastapena. Belardiak eta pentzeak, zelaiak eta baratzak ernalduko dira eta liliak eta fruituak berriz zaizkigu agertuko. Hortik aitzina eguzkiak ortzian zehar urtero egiten duen ibilbideari jarraituko dio, indartuz, piztuz, berotuz… eta udaburuan, hau da, udako solstizioan, ekiak zeruko gaina joko du (eki + gaina = ekaina), bere gehien gradura iritsiz. Udagoienaren garaia izanen da. Udazkeneko edo larrazkeneko ekinozioan, eguzkiak indargabetze prozesu berriari ekinen dio, eta horrela jaitsiz eta motelduz jarraituko du neguburura iritsi arte. Horixe izanen da eguzki zaharraren amaiera, bere heriotza, eta baita eguzki berri baten sortzea ere. Olentzeroren enborra, Eguberria, su indargearen tenorea, eta ziklo edo urte berri baten hastapena. Hauxe da gure arbaso zaharrek denboraren neurketaz edo urteroko errepikaz egiten zuten hausnarketa, eta ematen zioten ibilbidea. Denbora banaketa honek gure mundu-ikuskera baldintzatu zuen eta errotik eraldatu. Hortik atera ziren gaur gure kulturaren adierazle bereziak diren jai eta egun esanguratsuak: Olentzero, Eguberri, Inauteria, Donibane Gaua…, eta baita haien inguruan, milurtez milurte, mendez mende, asmatu eta eraberritu ditugun kontakizun, ospakizun eta jai erritualak ere. Udaburua gainean daukagu. Laster ekiak zeruko gaina joko du, sorginak suaren inguruan arituko dira dantzan, gure herrietako plazetan zortziko erritualak dantzatuko ditugu lizarraren edota gereziondo magikoaren inguruan. Eta euskaldunok, Euskal Herri zahar berritu honen seme-alabok, inkontzienteki bada ere, bozkario handiaz eta grina biziaz ospatuko ditugu horiek guztiak. Suge eta apo zikinak erre!!! Sorginak eta eguzki indartsua beude!! ! Jondoni Joane, ekibegia zeru gorenean Europa osoan ospatu izan den jai hau zahar-zaharra da, eta badirudi loturik dagoela Paleolito Aroan kontinentea populatu zuen herri ibiltari, ehiztari eta biltzaile zahar harekin, orain, Europako mapa genetikoa burutu ondoren, ikerlariek deitzen duten herri protoeuskaldun harekin, alegia. Jai honen jatorria naturako indar menderaezinak nolabait ezagutzeko eta bereganatzeko garai haietako gizakiak egindako ahaleginetan bilatu beharko genuke. Ortzia edo unibertsoa ziklikoa zela jakitera iritsi ziren eta urtearen banaketa ezagutu zuten. Horretaz gain, gogoeta handiak egin zituzten bizi-gurpilaz, ama-lurraren zikloaz, emankortasunaz, egunaren eta gauaren txandatzeaz, eguzkiaren inguruko lurraren mugimenduaz, urtaroez, ilargiaren aldiez, denboraren mugagabetasunaz, naturaren indarra menperatzen zuten jainko eta jainkosez, gizakiaren bizitza laburraz… Eta hori dela eta, naturaren aldaketekin zer ikusirik zuten jai eta erritoak antolatu zituzten, horietako garrantzitsuenak solstizio, ekinozio edota ilargiaren aldiekin loturikoak. 1.- Garai zahar ilunetan. Lehen esan bezala. aro zahar haietan urtaroen banatzaileak, hau da, solstizioak eta ekinozioak, oso kontutan hartu zituzten euren egutegian zein urtero errepikatzen zituzten jai erritualetan, beraiek baitziren, nolabait, euren bizimodua bideratzen eta baldintzatzen zuten mugarriak. Neolito Aroan, gizakiak, bere bizimodua nekazaritza edo laborantzaren inguruan finkatu zuenez geroztik, lurraren indar ezezagunak ulertzeko eta aurreikusteko zuen berezko grina hori areagotu zen. Hau da gizakia hastapenetatik naturatik bizi izan da, eta horregatik saiatu izan da betidanik lurraren zikloa ezagutzen. Hori dela eta, urtez urte, urtearen sasoiak edo aroak ospatu ditu: Subilaro edo Olentzaro neguko solstizioan, inotea (edo ihotea) udaberriko ekinozioan… eta nola ez, Eguzkiaren Jai handia udako solstizioan. Naturaren gurtzearekin loturik azaldu ziren euskaldunen lehen dibinitateak: In (edo Inko), Egu, Mari, Eki, Ilargi…. eta Ortzi berantago. Urtero, ospatzen zituzten jai erritual horietan dibinitate horiek gurtzen zituzten. Errito horien bidez, lurraren emankortasuna, uzta oparoak, narotasuna… bilatzen zituzten, eta horretarako haien aztiek lurra bedeinkatzen zuten edota ur eta su garbitzaileak erabiltzen zituzten. Hasieratik urtearen solstizio eta ekinozioen inguruan burutu zituzten erritualak, egunarekin eta gauarekin, eguzkiarekin eta ilargiarekin, lau urtaroekin, uzta eta emankortasunarekin erlazionaturik zeuden, halanola: Ekihotz gurtzen zuen Olentzero edo neguko zuhaitza neguko solstizioan, udaberriko ekinozioarekin eta ama-lurraren berpiztearekin loturiko inotea (In-o+te, Ine do Inko jainkoaren garaia, hainbat ikertzaileren ustez) eta Eki gurtzen zuen jai handia udako solstizioaren inguruan. Azken jai erritual horretan Ekik zeruko gaina jotzen du, eta hortik etor dakioke, hainbat antropologoren ustez, ekainari bere izena (eki+gaina = ekaina) 2.- Giristinoen hedapena. Kristautasuna Europan zabaldu eta indartu zelarik, jentil usaiak edo ohiturak eraldatu eta bereganatu zituen. Honi sinkretismoa deitzen zaio. Neguko solstizioaren inguruan Gabon eta Eguberri jaiak ezarri zituen, udako solstizioaren inguruan San Joan edo Jondoni Joane eguna, eta zikloaren berritzea azaltzeko, inoteen gibelean Garizuma eta Aste Saindua.Errito zaharrak, lurraren eta azienden bedeinkapenak, ur eta su garbitzaileak, kantu eta dantza erritualak… eraldatu, moldatu eta bere egin zituen; baina errito horien atzean eraiki zuten kosmos ikuskera erabat ezberdina zen. Hala eta guztiz ere, hau ez zen egun batetik bestera gertatu, eta lurralde ainitzetan, Euskal Herriko eremu zabaletan adibidez, aitzineko erritoak eta pentsamoldeak zituzten gogoan. Orduan elizgizonak errito horiek deabruarekin eta sorginekin lotuak zirela hasi ziren zabaltzen. Beraien menekoa ez zena, deabruaren menekoa zen, sorgin gaiztoen menekoa, eta akelarre deitu zuten jai erritual zahar horietara joaten zirenak zigortzeko edota Inkisizioaren sugarretan kiskaltzeko moduko bekatariak zirela hedatu zuten. Haatik, ez zuten inoiz errito zahar horien inguruko magia eta misterioa desagerrarazi ahal izan, eta gaurko egunetara arte, jentilen oihartzunarekin nahasirik iritsi zaizkigu. 3.- Jondoni Joaneren inguruko sinesmenak. Jondoni Joane edo San Joan ekainaren 24an ospatzen da, udako solztiziotik (ekainaren 21ean, normalean) gertu. San Joan bezperako gauean erritual franko ospatzen ditugu Euskal Herrian. Etxeetako ate eta leihoetan lizar edo elorri-zuri adaxka ezartzen da, eguzki berriak etxe horretan bizi direnak bedeinka eta babes ditzan. Herrietako plaza nagusietan lizar edo haritz handi bat jartzen da eta herriko dantzariek dantza erritualak egiten dituzte zuhaitzaren inguruan. Askotan lizar horietatik zintzilik San Joan gereziak ipintzen dituzte. Herri, auzo, baserri guztietan sua pizten da. Suak eguzki berria omentzen du eta gizakion bekatuak garbitzen. Zenbait herritan patatak erretzen dituzte Jondoni Joaneren gaueko suan eta gero bertara hurbildu direnen artean banatzen dituzte denek jan ditzaten. Lehen, eta duela oso gutxi arte, oroitzapen txarrak ekartzen zituzten arropak edota objektuak surtara botatzen zituzten, eguzki berriak zorte hobea ekarriko zielakoan. Suaren inguruko dantzak edota gazteek gainetik egiten dituzten jauziak ere ohikoak izaten dira. Gau magiko horren inguruan hamaika sinesmen daude gure geografiaren luze-zabalean. Ikus ditzagun horietako batzuk: - Eguzkiak ekainaren 24ko egunsentia argitzen duenean, iturriek eta errekek jendea sendatzeko eta indartzeko ahalmena dute. Hori dela eta, jende askok egunsentian ura jaso eta etxera eramaten dute familia eta aziendak bedeinkatzeko. - Berdintsu balio du egunsenti horretan zelai eta larreak bustitzen dituen ihintzak. Hori dela eta, jendea oinutsik ibiltzen da ordu horietan edota abereak ateratzen dituzte urte guztirako indar daitezen. Esaten dutenez, lehen baziren biluzik ihintzetan iraulka ibiltzen zirenak. - Itsasoan biluzik, bizkarra emanez eta ilargiari begira sartzen denak gauza handiak egiteko aukera izanen du. - Pikondo baten azpian musika-tresna batekin jartzen denak berehala ikasiko du tresna hori jotzen. - Ekainaren 24a hasten delarik, leihotik begiratzen duten ezkongaiek euren bizitzako maitasuna nolakoa izanen den ezagutuko dute. - Zerbait ahaztu nahi badugu edo pertsona gaizto baten itzala guregandik urrundu nahi badugu, paper batean idatzi eta gaueko surtara bota. Papera surtara botatzean honelakoak esaten dira: “To zan, zaharra eraman zan eta berria ekar zan!” edo “Txarrak eraman eta onak ekarri!” - Emakume batek, biluzik eta bizkarra emanik, ispilura begiratzen badu kandela baten argipean, bere heriotzaren momentua ikusi ahal izanen du. - Ekainaren 24an goiz jaikitzen denak ez du logurarik izanen urte osoan. 4.- Jondoni Joaneren inguruko atsotitzak. Euskaldunon artean horren garrantzi handikoa den egunak atsotitz edo erran zahar ainitz ekarri ditu. Ikus ditzagun horietako batzuk: - Donianeko euria gariaren galgarria. - Egunik luzeena San Juanena, gaurik luzeena Santa Luziarena. - Eguzkiak San Joanetan dantza. - Gaur da San Juan, bihar juan zan. - Gaur dala, bihar dala, Doniane etzi, San Joan biharamune. - Iduzkia Donianetan zeru goian dantzari. - Jondane Johanez kükü, Jondane Petiriz mütü. - Jondoanez belea gorde eta Jondore Petiriz bildotsa. - Jondone Baladi, gutaz urrikal hadi. - Jondoni Joaneren euriak ogia itotzen eta arnoa urtzen. - Jondoni Joaneko euria, ogien galgarria. - San Joan bezpera, sarna fuera,. Ogi eta ardoa etxera. Atso zaharra gangelpera. Neskatxa guztiak txokolate hartzera. - San Joan eguna goizetik iluna. - San Joan eguna, argitu orduko iluna. - San Joan euri gabie, urtea ogi gabie. - San Joan euritsu, urtea ogitsu. - San Joan, artoa eta ogia kanpoan. - San Joan, nekez etorri eta azkar joan. - San Joan,nik ez daukat besterik gogoan, bi arraultza kolkoan, beste bi gehiago altzoan. Artoak eta gariak gorde, gorde! Sorginak eta aztiak gure artean beude! Sugeak eta apoak erre, erre! - San Joanek esku batean suba eta bestean uda. - San Juan egunak ostirala harrapatzen duen urtea urte gaztigatua. - San Juan eta barikua, saldu idi zurixa eta ekarri artua. - San Juan goizeko inontzagaz hankak busti ezkero, gatxak kendu. - San Juan larraka (eguraldi txarra), urte guziko marraka. - San Juan su, bazter guztiak mamitsu. - San Juan, biba San Juan! Artuek eta garixek gora! - San Juan, jan-edanak juan. - San Juan, zelan etorria, halan juan. - San Juanetako artoak behar du belea tapatu. - San Juanetako euriak kentan dei ogi eta ez dei emoiten ardau. - San Juanetako euriak, ez ardo, ez ogi, ez haragi. - San Juanetan euri garoa. - San Juanetan festak, alaitzeko mutil eta neskak. - San Juanetan kuku, San Pedrotan mutu. - San Juanetan sagartzeari hiru ale ikusten bazaizkio, urte horretan nahiko sagar. - Sua Gabonetan txapan, San Juanetan plazan. - Udara, San Juanetatik San Pedroetara. Ez dut artikulu hau bukatu nahi horrelako kontuetan hainbeste bildu eta idatzi zuten Joxemiel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Jose Maria Satrustegi eta Antxon Agirre Sorondo ikertzaile handiak eskertu gabe, beraiek egindako biltze eta zabaltze lana ezinbestekoa izan baita gure usadio zaharren oihartzunak bizirik atxikitzeko. Halaber, bihotzez eskertu nahi dut Joseba Mintegik Lazkaotik igorri didan material baliosa. Milesker, beraz, aipatu guziei. Udazkeneko ekinozioa, Mikel Deuna eta Teodosio Goñikoaren elezaharra Garai zaharretako euskaldunek solstizioak eta ekinozioak baliatu zituzten urtearen banaketa egiteko. Horrela egin zuten Europa zaharreko herri naturista eta animista guztiek. Kristauek, erromatar inperioaren laguntzaz hasieran, eta Erdi Aroko gizarte feudalaren egituren bidez ondoren, heien erlijioa suz eta garrez ezarri zuten Europa osoan. Ezarketa adimentsua izan zen, ongi pentsatua, sinesmen zaharretako erritoak eta ikurrak bereganatzen jakin zuena. Horrela, kontinente osoan horren zabaldurik zeuden solstizio eta ekinozioetako erritoen ordez, errito berriak jarri zituen. Kultu zaharrak lurraren, eguzkiaren eta ilargiaren ingurukoak ziren, neurri handi batean. Horrela, neguburuan (neguko solstizioan) eguzki zaharra hiltzen zen eta Eguberri egunean, eguzki berria pizten zen. Kristauek eguzki jaio berriaren irudiaren ordez, Jesus Haurraren jaiotza ipini zuten. Udaberriko ekinozioaren inguruan inaute bestak ziren Europa osoan sustraiturik. Kristauek Garizumaren aitzineko aste horretan kokatu zuten inauteri berria, besta zaharraren esanahia ezabatuz eta Hausterre egunarekin eta Garizumarekin uztartuz. Udaburuan (udako solstizioan) eguzki ahalguztiduna gurtzen zuten, su-metak plaza eta mendietan piztuz. Eguzkiaren egunaren ordez, udaburutik aski gertu, San Joan martiriaren besta ezarri zuten. Su-metak baimendu zituzten, baina aipatu santuaren omenez. Eta udazkeneko ekinozioarekin zer gertatu zen? Badirudi jai hau oso lotua zela tximista, trumoi eta ekaitzekin. Eguzkia, irail aldean, indarra galtzen ari da, indargabetzen ari da, hiltzen ari da… eta tximista eta ekaitza irudikatzen zituen herensuge edo suzko suge arra gurtzen zuten udazkeneko ekinozioaren inguruko egunetan. Euskal Herrian, Sugaar edo Sugoi deitzen zitzaion, gehien bat. Udaberrian Sugaar zeruetan barna ibiltzen zen bere garrak erakutsiz eta zabalduz. Udazkenean, berriz, mendietako zuloetan aterpetzen zen, Mari jainkosa handia bizi zen mendi eta zuloetan. Kontatzen zenez, batzuetan bildu egiten ziren biak, eta harremanak izaten zituzten. Horrelako sinesmena, pertsonaia eta izen ezberdinekin, Europa osoan zabalduta zegoen, eta mendi sakratuetako kultu zahar hori ordezkatzeko, kristauek baselizak altxatu zituzten, ainitzetan, leku sakratu zaharrak ziren toki berberetan, edota aski gertu. Euskal Herrian Mariren oroitzapena ezabatu nahian, gure mendi guztiak Andra Mariri eskainitako elizatxoz bete zuten. Eta Europako mendi sakratuetan, Herensuge edo Sugaar gurtzen zuten mendi horietan, Done Mikel edo Mikel Deunari eskainitako baselizak ezarri zituzten. Euskal Herrian, adibiderik ezagunena, Aralarko Mikel Deunaren baseliza dugu. Herensuge edo Sugaarren inguruko kultuak, lehen aipatu dugun bezala, bi garaitan egiten zuten, udaberrian, maiatz aldean-edo, Sugaar indartsua gurtzen zuten, eta irailean, udazkeneko ekinozioaren inguruan, mendi zuloetan babestutako Sugaar zuten gurtzen. Horregatik, kristauek heien liturgian, Mikel goiaingeruaren jaia bi garai horietan ezarri zuten, udaberrikoa maiatzaren 8an eta udazkeneko ekinozioaren ingurukoa (ekinozioa irailaren 22-23an da) irailaren 29an. Jai hau kristautasuna zabaltzeko ederki erabili zuten. Euskaldunen lurraldean ere, kristau fedea zabaltzeko abagune ederra izan zen. X. mendetik aitzina Nafarroako erregeek Andra Mariren eta Mikel Deunaren aldeko debozioa bultzatu zuten. Apaizek kontakizun bat asmatu zuten eta horrekin uztartuz, bi jai ezarri zituzten, Sugaarren kultu egun beretan. Lehena maiatzaren 8an, Mikel goiaingeruaren agerpena, eta irailaren 29an, Mikel Deunaren ohorezko egun handia. Aipatu ordezkatze prozesu horretan, Aralarko Mikel goiaingeruaren elezahar edo kontakizuna asmatu zuten. Honen helburua zera zen, Sugaarren irudia gutxiestea eta kristau erlijioa irabazle gisa aurkeztea. Horretarako Sugaar edo Herensuge hil beharra zegoen. Ikus dezagun nola harilkatu zuten dena Teodosio Goñikoaren elezaharraren inguruan. Zabaldu zutenez, antzinako denboretan, ospetsua izan zen Goñiko Teodosio izeneko buruzagi kristau handia bizi izan zen. Iruñeko lehen erregetzat hartu nahi izan zuten eta horretarako, Iruñera izan ziren hainbat bilera eta ospakizunetara abiatu zen. Errege izateko bezperan, etxerako bidea hartu zuen. Bide bazterrean Basajaun agertu omen zitzaion eta esan omen zion bere emaztea beste gizon batekin oheraturik zegoela. Hori ez zen, inolaz ere egia, baina Teodosiok sinetsi zuen. Egia arras bestelakoa zen. Gau hartan, Teodosioren gurasoak Goñira hurbildu ziren, semearen etxean lo egiteko, eta hurrengo egunean, semearekin batera, Iruñeko ospakizunetara joateko. Hori dela eta, etxeko andereak bere ohean lo egitera gonbidatu zituen. Teodosio etxera iristean, korrika eta arrapaladan, bere logelara sartu zen, eta ohean bi lagun zirela ikustean, ezpata hartu eta biak bertan erail zituen. Bere gurasoak hil zituela ikusirik, Erromara abiatu zen Aita Santuaren barkamen eske. Honek, berriz, penitentzia moduan, eskuak eta oinak kate astun batez loturik, Aralarko mendietan bizitzera kondenatu zuen, kateak erori arte. Eta horrela bizi izan zen, urte luzez, bakarrik, Aralarko mendietan barrena, hango leize-zulo batean bizi zelarik. Behin, Herensuge handia agertu omen zitzaion, eta Teodosiok Mikel goiaingeruaren laguntza eskatu zuen: Mikel gurea, zaizu Euskal Herria! Momentu horretan, Mikel Deuna agertu zitzaion eta “Nor Jainkoa adina!” oihu eginez, herensugea ezpataz akabatu zuen. Momentu berean, Teodosioren kateak askatu eta lurrera erori omen ziren. Huraxe zen penitentzia bukatua zela jakiteko seinalea. Teodosio Goñiko etxera itzuli zen, baina esker ona adierazteko, goiaingeruak Herensuge hil zuen tokian baseliza bat eraiki zuen. Gaur egun, erdiko kaperaren erdian, paretan ezarririk, Teodosioren kateak ikus daitezke. Horrekin Sugaarren heriotza eta Kristoren garaipena adierazi nahi dute Antzeko kontakizunak badira beste zenbait tokitan. Bada beste elezahar bat Mari gutxiesten duena, eta horren ordez, Arantzazuko Ama goraipatzen duena. Kontakizun horien funtzioa mito zaharrak ehorztea eta heien tokian erlijio garailearen mito berriak ezartzea zen. Zalantzarik gabe, ongixko egin zuten, mito berri horiek gure egunetaraino iraun baitute. Arimen Gau Beltza Antzinatean, Europa osoan naturaren zikloekin loturiko sinesmen animistak zabalduta zeudenean, jai erritual ainitz egiten zituzten solstizio eta ekinozioetan, edota ilargiaren aldien ardatz ziren egunetan. Ilargi beteko gauetan ere horrelakoak egiten zituzten. Laborantzak indar handia hartu zuen arbaso zaharren bizimoduan eta uztekin edota ereiteko aroekin loturiko erritoak eta egun bereziak sortu zituzten. Gure mintzairan dugu horren adierazle diren izen ugari: jorraila, loraila, ereinaro, uztaila, garagarrila, garila, iraila, azaroa, hazila, lotazila….. eta abar. Hasieran urtea bi arotan banatzen zuten: uda eta negua, eta berantago, tarteko bi aro berri sortu zituzten: udaberria eta udazkena. Urriaren bukaera aldean uzten bukaerarekin loturiko bestak ospatzen zituzten. Uztek banatzen zuten antzinako nekazal gizartearen bizimodua, nolabait erraiteko. Uzten aroa amaitzean negua zetorren. Ordura arte indarrean izan zen natura neguko loaldirako prestatzen hasia zen. Eguzkiaren indarra apaltzen ari zen, urteko eguzkia pittaka-pittaka hiltzen ari zen, eta neguburuan, hau da, neguko solstizioan, Eguberri deitzen zuten egunean, sortzekoa zen eguzki berriaren zain zeuden. Bitartean, negu luzean, Ilargiaren indar ezkorrak ziren nagusi. Europako herri zaharren sinesmenetan bizidun guztien barnean bizi-indar bat zela pentsatzen zuten. Bizi-indar horrek buruan zuen aterpe. Euskaldun zaharrek gogoa deitzen zioten bizi-indar horri. Gorputza hiltzean, gogoa libratzen zen beste bizidun baten barruan sartzeko. Gure gogoak etengabeko ziklo horretan sar zitezen baziren hainbat errito eta ohitura. Erleek laguntzen zituzten gure hildakoen gogoak betiereko gurpil horretan sar zitezen. Argizaiolak ere horretarako pizten zituzten. Euskaldun zaharrek uste zutenez, ortzadarreko bidea zen hartu beharreko xendra, ama-lurra eta ilargia uztartzen zituena. Urriaren bukaera zen beraz, garairik egokiena, gogoek bide hori har zezaten. Uzten amaiera aldi horretan, hainbat jai eta usadio ziren, bai Euskal Herrian eta bai Europa zahar osoan. Urriaren bukaerako egun erritualetan familiaren gogoei dei egiten zieten, bide zuzenetik abia zitezen. Bide horretako bazterretan ezkutaturik ziren indar ezkorrak uxatzeko ere, hainbat errito egiten zuten. Izpiritu gaiztoengandik babesteko mozorro eta arropa zaharrez janzten ziren, horrela jantzirik, izpiritu txar baten itxura harturik, ezagutuko ez zituztelakoan eta min eginen ez zietelakoan. Erromatarrek Europa konkistatu zutelarik, ohitura eta errito zahar horiek ezagutu eta bereganatu zituzten. Horrela urriaren bukaerako eta azaroaren hasierako egunetan uzta jaiak ospatzen hasi ziren. Inperioko erlijio berria, hau da, kristau erlijioa Europa osora zabaldu zutenean, jai pagano zaharrak bereganatu eta birmoldatu zituzten. Eguzkiaren sortze eguna zen Eguberri Jesus Haurraren sortze eguna izatera pasatu zen. Udaburua Jondoni Joanerekin lotu zuten, udaberriko ekinozioa Garizumarekin eta udazkenekoa San Migelen inguruko jaiarekin. Uzten bukaera ospatzen zituzten egunak desagertu ziren, eta haien ordez, Domu Saindua eta Hilen Eguna ezarri zituzten. Domu Sainduaren bezperan, hau da, urriaren azken gauean, Izpiritu edo gogoen gaua ospatzen zen Europan. Zeltek ere erritual eta jai handiak egiten zituzten gau horretan. Britainiar Uharteetan tradizio handia zen gau honen inguruan, eta irlandarrek eta eskoziarrek eraman zuten Halloween izeneko besta Ipar Amerikara. Eta hortik orain, janzkera kontsumista eta materialista onartezinaz jantzirik, itzuli zaigu Euskal Herrira. Izatez eta itxuraz ez du zer ikusirik gurean XX. mendera arte ospatu izan dugunarekin. Zeren eta, giristinoek eraberriturik zabaldu zutenez geroztik, Euskal Herriko luze-zabalean Arimen edo Animen Gaua ospatu baitugu. Oraindik badira gure geografia osoan, gazteak zirelarik, besta horretan parte hartu zutenak eta egiten zutenaren berri ematen digutenak. Are eta gehiago, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan, azken urte hauetan Arimen Gaua berpizteko ahaleginetan ari dira, baina euskal usadio zaharrari jarraituz. Oier Araolaza dantzari eta antropologoak sekulako lana egin du Arimen Gaueko oihartzunak eta lekukotasunak biltzen. Berari esker, jakin badakigu mozorro eta arropa zaharrez janzteaz gain, arbiak eta kuiak ezartzen zituztela bide bazterretan. Arbi eta kuia horiek hustu ondoren, begiak eta ahoa irudikatzen zituzten zuloak egiten zizkieten, eta barruan piztutako kandelak jartzen zituzten. Gazteak biltzen ziren eta jan-edanean ibiltzen ziren, mozkortu arte. Gehienetan gaztaina erreak jaten zituzten. Etxez etxe eta baserriz baserri kantuz eta eskean ibiltzeko ohitura zen. Itziar Diez de Ultzurrunek Nafarroa Garaian erabiltzen ziren hainbat esaldi edo hitz-joko aipatzen dizkigu: - Xanduli Manduli, Kikirriki… echeme nueces por aquí! -erraiten omen zen Ollaranen. - Txinurrie, mandurrie, alakatan, txinurrie! –erraiten zuten Baternainen. - Tirriti-tarrata mandulon, domine domine sandulon, en esta casa no hay turron! –kantatzen zuten Etxaurin. - Domine domine kastañe, i si no zikiñe! –berriz, Utergan. - Txinurrie, mandurrie, aratako kastañere (gaztainak erre?) , si nos echas pa tu tía! –Muru-Asterainen. - Txingila mingila kurruskario, abre las puertas del armario! –kantatzen zuten, behin eta berriz, Zaraguetan. Gaur ere horrelakoak erraiten dira: - Sosa ala pota! - Ziria ala saria! - Xanduli, manduli, kirriki, eman goxokiak guri! - Txingila, mingila, karruskario, sagarrak merke ta udareak kario. Bestalde, badakigu Mutrikun honela hasten zen kantua bazela: Xesteron kontra, animen alde…. Zoritxarrez, gainerako guztia galduta dago. Gaur egun, deus gutti gelditzen zaigu uzten bukaerarekin loturiko besta horietatik. Urriaren 28an, San Ximun eta San Juda izeneko eguna oroitzen dugu urtero, horixe baita giristinoek egun honi ipini zioten izena. Nire ustez, aitzinateko jai haiekin loturik egon daiteke. Kantuak udaren bukaeraren eta neguaren etorreraren berri ematen digu. Ikus dezagun San Ximun eta San Juda, joan zen uda eta negua heldu da (2) Ez baletor hobe, bizi gera pobre eremu latz honetan, ez gera hain onak benetan. Ez dugu zaldirik, ez gera zaldunak, ez dugu abererik, ez gera aberatsak. Euskera guk dugu, gu gera euskaldunak. (2) Halloween izeneko jai amerikarra zabaltzen ari zaigu gaurko euskal gizarte materialista-kontsumista honetan. Zein txotxoloak garen! Guk ukan dugu gure jaia, Arimen Gaua edo Gau Beltza deitu izan duguna. Berpiztu dezagun gure geografia osoan, euskal kutsuaz beterik, kotsumismotik urrunduz. Gure nortasuna berreskuratu eta iraunarazi nahi badugu, hau ere egin beharra daukagu. Gure eskura dago. Santomasak neguaren atarian Europako kultura zahar guztietan eguzkiaren gurtzea arront zabaldurik izan da. Eguzkia zen herri horientzat dibinitate handia eta bizi-emailea. Kultu horren inguruan baziren besta eta erritualak urte osoan zehar, baina batez ere, bi solstizioen inguruan. Neguko solstizioan eguzki zaharra hiltzen zela uste zuten eta baita eguzki jaio berri bat sortzen zela ere. Sinesmen hori zuten antzinako erromatarrek, zeltek eta baita euskaldun jentilek ere. Euskaldunok Eki edo Eguzki jainkosa gurtzen genuen eta neguko solstizioan hil eta berri bat pizten zela uste genuen. Eguzki zaharraren heriotza eta eguzki berriaren piztea zela eta, gure arbasoek su-metak pizten zituzten mendi gailurretan eta baita herriko plazetan ere. Animalia, fruitu eta barazki eskaintzak egiten zituzten, ama-lurraren esker ona irudikatu nahian. Ongi bete beharreko errituak ziren, urtearen iraupena ahalbideratzen zutenak. Giristinoen etorrera eta hedapenarekin, sinesmenen arteko sinkretismoa sortu zen Europa osoan, baita gure Euskal Herrian ere. Lehen jentila zena giristino izatera pasatu zen, baina izenak eta kultuak erabat aldatuz. Hori bera gertatu zen neguko solstizioaren inguruan ospatzen ziren besta eta erritual magiko guztiekin. Eliza katolikoak Jesukristoren sortze eguna neguko solstiziotik gertu kokatu zuen, lehen eguzki jaio berriaren besta zena Jesus Haurraren sortze eguna bilaka zedin. 1.- San Tomas eguneko bestaren sorrera. Sinesmenen arteko sinkretismoan bilatu behar ditugu gaur ospatzen ditugun besta ainitzen sorrera. Eta hortxe kokatuko nuke nik, gaur Santo Tomas edo Santomasak izenez ospatzen dugun besta arrakastatsua. Besta hau Euskal Herriko herri askotan ospatzen da: Arrasaten, Donostian, Bilbon, Azpeitian, Lekeition, Zaldibarren, Errenterian, Lezon, Irunen… Lehen ikusi dugu neguko solstizioaren inguruan eta eguzki sortu berria gurtzeko, hainbat erritual egiten zituztela, horietako bat, animalia, fruitu eta barazkien eskaintza zelarik. Horrelako eskaintzak ziren ber egunetan, geroxeago, azokak egin zituztela pentsa dezakegu eta azoka horietako batean oinarriturik sortu zela gaur egun San Tomas izenaz ospatzen dugun azoka famatua. Hau ez dago dokumentaturik baina logikak irudikatzen digun gogoeta dela, erran genezake. Zaharrena Arrasatekoa da, XIV. mendekoa. Bada 1.351ko irailaren 20an dataturik den dokumentu bat horretaz mintzo zaiguna. Agiri honen bidez, baimena eman zitzaion Arrasate herriari Santomasetako feria abenduaren 21, 22 eta 23n ospa zezan. Ez dakigu data horren aitzinetik ospatzen ote zen. Agian izen horrekin ez, baina pentsa dezakegu, bazela aitzin-aitzinetik egiten zen azoka. Donostiako bestaz dugun lehen aipamena XIX. mendekoa da. Garai hartan Euskal Herriko biztanle gehienak baserritarrak edo laborariak ziren, eta gehien-gehienak maizter edo bordari, eta urtero errenta edo saria ordaindu behar izaten zioten nagusi edo lurren jabeari. Badirudi horretarako erabiltzen zuten eguna azaroaren 11 zela, hau da, San Martin eguna, baina laborari ainitzek ordaina egiteko arazoak izaten zituztenez gero, abenduaren 21a arte, hau da, Santo Tomas egunera arte luzatzen zen epea. Azkenean, errenta ordaintzeko ohitura edo usai hori abenduaren 21era pasatu zen. Nagusiek, normalean, ez zituzten lurrak lantzen eta Donostian bizi ziren. Errenta ordaintzeko laborariek sosak eta kapoi pare bat eramaten zizkieten eta ordainetan, nagusiek bazkari bat ematen zieten. Bazkari horietan makailua edo bakailaoa izaten zen jakirik ohikoena. Donostian zirela baliatuz, laborariek heien mozkinak (barazkiak, kapoiak, oilaskoak, lapinak, fruituak…) saldu eta heien herrietako dendetan izaten ez zituzten produktuak eta lanabesak erosten zituzten. Urteak joan, urteak etorri, feria edo merkatua antolatzeko beharra ikusi omen zuten, edo agian lehenagotik egiten zen azoka hura indartzeko abagune egokia zela zuten ikusi. Gauza da, ordutik Donostiako Plaza Berrian, berantago Konstituzio Plaza deitu izan den horretan, egiten dela. Badirudi Bilbokoa eta gainerako herrietako feriak edo merkatuak berriagoak direla. Baina zergatik lerratu zen errenta ordaintzeko eguna San Martin egunetik San Tomas egunera? Epearen azken eguna zelako? Eta zergatik zen epearen azken eguna? Hortxe dago gakoa. Neguko solstizioaren inguruan egiten ziren eskaintzak, opak, merkatuak… zahar-zaharrak ziren eta garrantzi handikoak euskal lurretan. Horregatik hautatu zuten, nire ustez, egun hori, errentaren ordaina egiteko azken egun gisa. Epea hilabetekoa zen, eta San Martin egunetik San Tomas egunera luzatzen zen, hau da, Euskal Herrian ospetsuak ziren bi merkatu edo ferien arteko denbora zehatza zen 2.- Santomasetako ezaugarriak. Arrasaten bestak hiru egun irauten du, eta abenduaren 22an izaten da egunik handiena. Egun horretan izaten da ganadu edo azienda feria eta hegazti eta fruitu eta barazkien erakusketa eta salmenta. Egun berean, beste plaza batean, artisauen erakusketa eta salmenta izaten da. Herriko plazan sagarnoa, taloak eta txistorra dastatzen dira. Herri zozketarako prestatu duten urdea edo zerria ere erakusgai egoten da. Horretaz gain, herri bazkariak, txistulariak, dantzariak, bertsolariak, aizkolariak, harri-jasotzaileak eta horrelakoak nonahi ikus eta entzun daitezke. Ospetsua da egun horietan kaleetan barna dantzatzen eta kantatzen den Txarri Dantza. Horra hor: Gizendu jaku txarrixa / saltoka dabil herrixa / aintxinako iturrixa / umore barri-barrixa / Talua arto uruna / eta baserriko lanak / erakusten bagabiltz baña / lekutan daz horreik danak. / Sasoi bateko ohitturak / etortzen jaku gogura / tertulian egoteko / bazan nahikua denpora. / Orduko erromerixan / dantza suelto eta ardau / haxe zan jaixa sanua / oin barriz dana libre dau. Donostian ohitura edo usaia zena tradizio bilakatu zen. Gipuzkoako garraiobideak hobetu zirenean, garai batean bordari izandako laborariak lur jabe edo nagusi bilakaturik ziren, hala eta guztiz ere, tradizio zaharrari heldu zioten eta Santomasetan Donostiara joaten jarraitu zuten. Horrela feriak bizirik iraun du gaur arte. Garai zaharretan bezala, gaur ere, Kontituzio Plaza izaten da bestaren gune nagusia, eta bertan egiten dira azienda edo ganadu feria eta baita hegazti, fruitu eta barazkien azoka edo merkatu aberatsa ere. Santo Tomas eguna egun handia bilakatu da Donostian, eta aipatu plaza ttipia gelditu denez gero, inguruetako kale eta plazetan, baita bulebarrean ere, txorizo eta talo salmahaiak ipintzen dituzte. Zozketatzen den urde edo zerri lodikotea Konstituzio Plazan izaten da egun osoan, bertara joaten diren guztien begien erakargarri. Bada erran zahar bat “Santo Tomaseko feriya, txorizo eta ogiya” erraten duena, bi produktu horiek –txistorra eta ogia-- izaten baitira, sagarnoarekin batera, bestan gehien jan eta edaten direnak. Azken berrogei urte hauetan taloa ikaragarri zabaldu da eta ogia nolabait baztertu. Jendea gipuzkoar laborarien arropaz jantzirik joaten da hiria kolorez eta alaitasunez zipriztinduz. Donostiarako erran dudana gainerako herrietarako errepikatzen ahal da, bai Bilborako eta bai gainerako herri guzti-guztietarako. Ganadu feria, hegazti, fruitu eta barazkien erakusketa eta salmenta, artisauen produktuak, sagarno dastatzea, zerriaren zozketa, txistorra eta taloa, bertsolariak, euskal kantuak, herri kirolak, erromeriak, laborarien janzkerak… izaten dira egun honetan nonahi ikus eta goza daitezkeenak. Besta borobila da, bere baitan indartzeko eta zabaltzeko hazi oparoa duena. Azken hogei urteetan izugarri zabaltzen ari da, eta gaur herri ainitzetan ospatzen da. San Tomas Eguna da egun, zalantzarik gabe, Euskal Herriko neguko besten gurpilari hasiera ematen dion lehen ekitaldi garrantzitsua. Olentzero, negua eta solstizioa Oso garai zaharretatik euskaldunok sua gurtu dugu eta sua erabili izan dugu solstizio eta ekinozioen inguruko jai erritualetan. Jondoni Joane edo San Joanen udako solstizioan sua da jaun eta jabe, garbitzaile eta berritzaile ber denboran. Inotean (edo inauterian) ere, sua indar handiz dagerkigu. Berak finkatzen du udaberriko ekinozioaren amaiera eta halaber, ziklo berri baten abiapuntu bilakatzen zaigu. Neguko solstizioan ere sua protagonista dugu, eta gure arbasoek abenduaren 24ko gauean enbor handi berezi bat erretzen zuten etxeko tximinian. Subilaro, Olentzero edo Eguberri enborra deitu izan zaio eta orain dela oso gutxi arte oso zabalduta izan den usaia edo ohitura dugu. Oraindik ere, zenbait etxetan egin egiten dute. Errito hau eguzkiaren jaiotza ospatzeko egiten zuten, edo beste modu batez esanda, eguzki jaioberriaren ohorez. 1.- Neguko solstizioa jentilen garaietan. Aro zahar ilunetan euskal jentilek jai erritual handiak burutzen zituzten eguzkia gurtzeko. Nekazaritza edo laborantzatik bizi zirenez gero, urtearen zikloa, lau urtaroak, egunaren eta gauaren txandatzea, ilargiaren aldiak, naturaren gurpila… aztertzen zituzten, eta eguzkiaren beharraz konturaturik, urtaroen arteko banatzaile diren solstizio eta ekinozioetan jai handiak antolatzen zituzten. Urtearen bukaera aldera eguzki zaharra, Ekihotz deitu izan dena, pittaka-pittaka ahultzen eta indargabetzen da, eta azkenean, hil egiten da. Neguko solstizioaren inguruko egunetan eguzki berria jaiotzen da, udaberri aldean berotzen hasiko dena eta uzta berriak ekarriko dituena. Hauxe zen gure arbasoek ospatzen zutena, eguzki berri baten jaiotza, ziklo berri baten hastapena. Eta horretarako su berritzaile eta garbitzailea pizten zuten etxe guzti-guztietan. Garai hartako euskal jainko-jainkosak biziki loturik ziren naturarekin, eta euskal jentilek dibinitate haiek (In -edo Inko-, Egu, Eki. Ilargi…) aipatu festetan gurtzen zituzten. Badirudi Eguberri hitza bera zahar-zaharra dela, Egu dibinitatearen kultuarekin erlazionaturik dena. Eguberri hitzaren esanahia ulertzeko ziklo berria aldarrikatzen duen sinesmenetara joan beharko genuke. Giristinoek data horietan, nahitaz, Natibitate eguna ezarri zutenean bi mundu ikuskeren arteko sinkretismoa bilatzen zuten, hori dela eta, Eguberri izen zaharra baliatu zuten euren sinbologia berrirako. 2.- Kristauen etorrera eta ezarketa. Ekialdetik erlijio sendo indartsua etorri zen eta pittaka-pittaka Europa osoan hedatu eta inposatu zen, baita gure Euskal Herrian ere. Erlijio berri honek kosmos ikuskera berria ekarri zuen, animismo-naturalismotik urrun zena. Jesus salbatzailea zen kosmos ikuskera berri honen ardatza, euskal jentilek Kixmi (tximino edo tximu omen) deitu izan zutena. Erlijio berriak errito zahar ainitz bere baitan eraldatu eta onartu bazituen ere, beste ainitz galarazi eta bazterrarazi egin zituen. Esan beharra dago, euskal jentil askorentzat erlijio berria sinesmen zaharren jarraipena izan zela, beraiek horrela sentitu zuten, bederen. Adibidez, Mari gure jainkosa handia Maria bilakatu zen. Kristauek jakin zuten euren sinesmenak aurreko sinesmen jentilekin nahasten, eta euren errito eta jaiak naturaren inguruko errito eta jai zaharrekin parekatzen. Horrela, solstizio eta ekinozioen inguruetan euren jai nagusiak ezarri zituzten: Jesusen Natibitatea (edo Eguberria, jentilen izen zaharra beraientzat hartuz) neguko solstizio irian, Garizuma eta Aste Saindua (inotearen ondoren) eta Jondoni Joane edo san Joan udako solstizioaren irian. Eguberri kristauetan ez da eguzki jaio berria gurtuko, Jesus jaioberria baizik, eta aitzineko sinesmen zaharretan Eki edo Eguzki baldin bazen ardatza, zeruan jaio, hazi, hil eta arrapizten zelarik, giristinoen zikloan gauza bera izanen da, baina Jesus izanen da jaio, hazi, hil eta arrapiztuko dena. 3.- Olentzeroren mito zaharra. Ziklo animista-naturalista zaharraren eta ziklo giristinoaren artean kokatu behar dugu Olentzero izeneko pertsonaia. Batzuen ustez, ziklo zaharra irudikatzen du, hau da, ekihotzaren heriotza eta eki edo eguzki berriaren jaiotza. Kristauen ustez, berriz, Olentzero azken jentila da, sinesmen zaharren amaiera eta Jesukristoren sinesmen berriak iragartzera datorrena. Hortaz, hauxe dugu, garai haietan gertatu zen sinkretismoaren adibiderik onena. Ziklo bat bestearen gainean, kosmos ikuskera bat bestea estaliz. Joxemiel Barandiaran Ataungo antropologo zaharrak Olentzeroren mitoa ahozko oroitzapenetatik jaso eta bizirik iraunarazi du gure egunetaraino. Horra hor: Badirudi euskal jentilek ez zutela begi onez ikusten giristinotasunaren etorrera eta zabalkundea, euren herriaren eta sinesmenen amaiera ekar zezakeelakoan. Hori dela eta, anitzetan, gure haran eta ibarretan gero eta ugariagoak ziren baselizak erasotzen zituzten mendietatik harritzarrak jaurtiz. Behin, jentilak Aralarreko Argaintxabaleta izeneko lepoan bilduta zeudela, beraiengana hurbiltzen zen izar edo hodei distiratsu bat ikusi omen zuten. Jentil zaharrenak, hura ikusiz, honela esan omen zuen: “Kixmi jaio da. Gure arrazaren amaiera iritsi da. Bota nazazue amildegi horretara, jadanik, ez baitut zer egiterik mundu honetan” Gogoaren kontra bazen ere, jentilek horrela egin zuten, jentil zaharra zulo handi batera amilduz. Gero izuturik, lasterka egiteari ekin zioten. Horietako batzuk erori egin ziren mendi magaletik behera zihoazela, lubizi bat sortuz. Euren gorpuak Arrastarango Jentilarri trikuharriaren azpian omen daude ehortzirik. Jentil horietako bat, Olentzero izena zuena, ez omen zen lubizi hartan hil, eta berak zabaldu omen zuen Kixmiren jaiotzaren berria Euskal Herri osoan zehar, herriz herri eta etxez etxe. Istorio horretan dugu Olentzeroren mitoaren adierazpena. 4.- Olentzeroren beste izenak eta etimologiak. Olentzerok baditu beste izen ugari Euskal herriko luze-zabalean erabili eta erabiltzen direnak: Olentzaro, Onentzaro, Onontzaro, Orentzaro, Onentzero, Onantzaro, Onontzaro, Onontzoro, Orantzaro, Aranzaro, Gomentzago, Subilaro, Silaro, Xiularo, Suklaro, Kalerre, Putierre… Eta izen batekin zein besterekin, beti loturik agertzen da mundu zaharrarekin, sinesmen zaharrekin, 24ko gauean etxeetako tximinietan erretzen zuten enbor handiarekin, eta gau horretan etxe guztietan pizten zuten su sakratuarekin. Aipa ditzadan, orain bere izenari buruz, hor-hemenka, sortu eta zabaldu diren etimologiak. a.- XVII. mendean, Lope Martinez de Isasti kronikagile lezoarrak Olentzero hitzaren jatorria Onen(tz)aro zela idatzi zuen. XX. mendean R.Mª Azkue euskaltzainburuak etimologia bera defendatu zuen. b.- Julio Caro Baroja etnografoak Olentzero hitz hasierako O hotsa Erdi Arotik zetorren tradizio giristino batekin lotu zuen. Frantzia aldean, Gabonetan kantatzen omen zuten aipatzen zituzten izenen aurrean O! esklamazioa jarriz, eta Olentzero hitza Julio Caro Barojaren ustez, hortik etor zitekeen. c.- Seber Altube eta Manuel Lekuonaren iritziz, Olentzero izenaren olen hasiera frantseseko noel hitzaren metatesi edo letra ordenaren aldaketa batetik dator. d.- Jose Maria Satrustegik Olentzero oles edo agur egiteko garaia dela zioen. Oles hitza eske-kantuetan, Santa Agedaren kopletan adibidez, agertzen da. Orixek “Euskaldunak” olerki-liburu epikoa idatzi zuenean, Olentzero pertsonaia eta bere inguruko kontuak ederki jorratu zituen. Olentzero hitzaren jatorriari buruz dauden irizpideak ezagutzen zituelarik horrela azaldu zuen bere olerkietako batean: Begigorri badator aiton Olentzero / urteak egun ainbat begi ta bat geigo / Gurdia alako sabel, aurpegi dena ago / nondik nora sortu zan, jakin gabe nago. 5.- Olentzero kontsumismoaren aroan. Gaur, zalantzarik gabe, Olentzero da Euskal Herri osoan euskal eguberrietako pertsonaia nagusia, hiru errege magoekin eta Papa Noel edo Bizarxurirekin gogor lehiatu behar badu ere. Bere kantuak nonahi entzuten dira eta ikazkin mozkortiaren irudia aldatzen ari da, gaurko estereotipo modernoetara hurbilduz. Nonahi ikus dezakegu baita Euskal Herriko hipermerkatu handienetan ere. Garai bateko mezu jentil hura, eguzkiarekin, su sakratuarekin eta naturarekin loturiko mezu hura, jadanik desagertu da. Orain zikloaren ardatza ez da ez Eki eta ez Jesukristo, kontsumismoa baizik, eta zoritxarrez, Olentzero gaurko euskal gizartearen ikonoa izaki, kontsumismoaren sareetan erortzen hasia da. Ene irudikoz, iritsi zaigu garai bateko mezu eta izpiritu sakratu haiek berreskuratzeko garaia. Gero eta hurbilago dugun Euskal Herri berri eta askean, izadiarekin eta iraganarekin lotzen gintuzten irudi eta sinboloak berreskuratu beharra dauzkagu, azken finean, gaur egun ere, euskaldunok gure burua Ama-Lurraren seme-alabatzat hartzen baitugu. Olentzero izan dadila Ama-Lurraren kolkora itzultzeko amesten dugun bide berriaren ikur eta itxaropena. Ur goiena, ur barrena. Urtezahar gaueko erritoa. Nafarroa Garaiko Baztanen, Basaburuan, Imozen, Larraunen, Burundan eta Arakil aldean bazen urte berriaren etorrerarekin loturiko errito bat, urtero errepikatzen zena. Gaur, tamalez, badirudi bakarrik Burundako Urdiain herrian egiten dela. Pena da, errito hau baita euskaldunok urtezaharreko edo urtatseko gauean urte berriari ongi etorria emateko izan dugun berezko errituala. Hamabi mahatsen ohitura horrek ez du bide luzea Euskal Herrian, eta ez du zer ikusirik euskal kulturarekin. 1.- Erritoa zertan den. Urtatseko gauean mutilak lehen, eta neska-mutilak orain, euren herrietako iturrietara joaten ziren eta hortxe zain egoten ziren gaueko hamabiak jo arte. Urte berria hastean, ura jasotzen zuten pitxarretan eta apaizari, alkateari eta gainerako bizilagunei banatzen zieten ur berria edan zezaten. Garai zaharretan urteko lehen ura sendatzailea eta berritzailea zela sinesten zuten. Jose Maria Satrustegi idazle eta antropologoaren esanetan, ur horrek gaitzak sendatzeko eta urte berriko alde txar guztiak uxatzeko balio omen zuen. Gure arbasoen ustez, ura zerutik datorkigu euriaren bidez (ur goiena) eta lur barrenean aterpetzen da. Lurretik isurtzen diren iturri, erreka eta ibaiek ur hori etengabean ateratzen dute lur azalera (ur barrena). Eta bi ur horiek, goikoa eta barrukoa, goiena eta barrena, dira errito honetan gurtzen direnak. Gazteak etxez etxe joaten ziren urte berriko ur berri sendatzaile eta berritzailea banatuz. Etxeetara iristean oihu egiten zuten: Urteberri berri! eta etxekoek erantzun: Zer dakarrazu berri? Ondoren, gazteek hainbat bertso eta kantu eskaintzen zituzten eta esker ona adierazi nahian, etxeetako jaun-andereek jateko eta edatekoak ematen zizkieten. Horrela zen arestian aipatu eskualdeetan, eta horrela da oraindik, Urdiain herrian. Julio eta Pio Caro Baroja anaiek 1972an plazaratu zuten “Navarra, cuatro estaciones” izeneko erreportaje gogoangarrian jaso zituzten errito honen inguruan ditugun lehen irudiak. 1977an, Pantxoa Karrere eta Peio Ospitalek argitara eman zuten “Oles eta oles” diskoan Urdiainen Ur goiena, ur barrena erritoaren egunean abesten den kantu zaharra jaso eta zabaldu zuten. 1980an, etnografo handia eta urtetan Urdiaingo apaiza izandako Jose Maria Satrustegik, Txertoa argitaletxearen bidez, plazaratu zuen “Mitos y creencias” izeneko liburuan deskribapen zehatz eta zabala egin zuen. Eta azkenik, 2015ean, Olatz Zugastik “Ur goiena, ur barrena” izeneko disko ederra plazaratu zuen errito zahar horren oihartzuna denon gogora eta belarrietara hedatu nahian. Bada garaia, gaurko euskaldunok errito zahar hau indartu eta zabaldu dezagun gure geografiaren luze-zabalean. 2.- Erritoaren inguruko bertso eta kantuak. Zoritxarrez aunitz galdu badira ere, baditugu oraindik herrietan egin izan diren hainbat aldaeraren zati batzuk. Polita da, esate baterako, Imotz udalerriko Oskotz kontzejuan Fermina Lizasori jaso zitzaion sarrerako bertsoa: Ur barrena, ur goiena / urte berri egun ona / egun onaren seinalea / Izotzetan eta lurretan / hemen dekargu ur berria / Iriki zazu abenduko / gau luzeetan / gu gaixuok ementaria / presta dezazu gosaria / gabiltza hotzak hiltzen / oin hutsetan. Gaur egun ezagutzen dugun bertso sorta osatuena Urdiainen urtero kantatzen dena da. Hasieran gazteek honako zortzi bertso hauek abesten dituzte: 1.- Arantzazu zer dekazu? Ur goiena, ur barrena. Ur goiena, ur barrena, Urteberri egun ona. 2.- Etxe honetan sar daiena bakearekin osasuna, bakearekin osasuna, onarekin ondasuna. 3.- Etxekoandre giltzaria iriki ezazu ataria. Badekagu ur berria, presta ezazu gosaria. 4.- Etxe honetan oilar bi, bata bestea iduri. etxe hontako etxekoandreak Ama Birjina dirudi. 5.- Etxe hontako nagusi jaunak urre gorrizko bizarra. Hartxek, hartxek eman dia neuri errealtxo biko zidarra. 6.- Goian-goian ilardia, erdi-erdian klabelina, gure baratzan belar ona hark botatzen dau usai ona. 7.- Izotzetan, elurretan, abenduko gau luzeetan, beste guziak ohean eta gu, gaixook, oinutsetan. 8.- Eguzu bada, eguzu, baldin eman nahi badezu, baldin eman nahi badezu eta bestela despegi gaitzazu. Zortzi bertsoz osaturiko kantua amaitu ondoren, gazteek ura eskaintzen diete etxeetako bizilagun guztiei. Lehendabizi agintariek edaten dute ur berritik, apaizak eta alkateak, eta gero, gainerako guztiek. Etxe batean kantariek lortutako saria eskasa bada, bi bertso gehiago gaineratzen dituzte: 9.- Arramarioan dabil sagua, hari segi dabil katua. Etxe hontako limosnarekin ez dugu beteko zakua. 10.- Etxe honetan dago uztarri haren gainean uzkar bi. Amen. Oharrak [←1] Gurutze gamatua: Alemaniar naziek erabiltzen zuten esbastikari ematen zioten izena. [←2] Lamategi: Tibeteko apaiz budistak –lamak-- bizi diren tenplu modukoak. [←3] Zortziburu: Zortzi buru dituen esbastika mota. Euskaldunon artean oso erabilia izan da. [←4] Hiruburu: Hiru buru dituen esbastika. Bretainian eta zelten artean oso erabilia izan da. [←5] Estekagune: Bilgunea, lotunea. [←6] Ostots: Trumoi adierazteko euskal hitz zaharra. [←7] Uztai: Arkua.
AURKIBIDEA DENBORA ERREALEAN HITZAURRE GISA ITSASOAREN ISILTASUNA EGUN HARTAN AMETSA EZINTASUNA ZALDIA ETA HERIOTZA VERDUNGO INPRIMERIA DENBORA ERREALEAN Iban Zaldua Zalantzarik gabe, itzulpengintza literarioaren aurrerakada XX. eta XXI. mendeko euskaldunoi gertatu zaigun gauza pozgarrienetako bat da. Ez bakarrik jauzia ikaragarria izan delako gaztetan behin baino gehiagotan pairatu behar izan genituen itzulpen ortopediko haiekiko, baizik eta abagune ederra suertatzen delako bestela oharkabean pasatuko litzaizkigukeen lanak ezagutzeko eta gozatzeko. Niri, behintzat, horixe gertatu zait Itsasoaren isiltasuna eta beste kontakizun batzuk bilduma honekin, eta gainontzeko irakurleei, Hegoaldekoei behintzat, berdin gertatuko zaiela espero dut –irakurle frantses-euskaldunak lan honen berri izango duela imajinatzen dut, eta, izan ere, arazorik gabe egin diezaioke ezikusia hitzaurre honi, ezaguna egingo baitzaio kontatzen dudan guztia; hegoaldetarrak, berdin, nahiz eta kasu horretan nik gomendatuko niokeen, hitzaurre ia guztiekin egiten dudan bezala, liburua amaitu ondoren irakurtzea, sekula ez aurretik…–. Zer esanik ez, banuen frantziar literatura garaikidearen klasiko txiki horren aditzea, besterik ez bazen horrengan oinarritutako izenburu bereko film ezin fidelagoa zela medio (Jean-Pierre Melville, 1949), Nouvelle Vague mugimenduaren aitzindari izan zena, ez alferrik. Baina Josu Zabaletak Booktegi argitaletxearentzako ondu duen itzulpen honengatik izan ez balitz, agian liburua irakurtzeke geratuko nintzatekeen. Eta pena izango litzateke, merezi duelako, eta asko –Zabaletak Le Livre de Poche-ren edizioa erabili du oinarri gisa itzulpena ontzeko–. Merezi du, alde batetik, bildumari izenburua ematen dion ipuin luze edo nouvelle hori –ipuin luzeekin sekula ez dakit ze puntutan, ze orrialde kopurutik aurrera gainditzen dituzten generoaren mugak, nahiz eta ni, ipuingintzaren abertzale on legez, genero horretakotzat jotzeko joera daukadan beti, badaezpada ere–, eta ondorengo gainontzekoak ere fikziozko pieza nabarmenak direlako, edozein zirkunstantzia eta garai historikotan gozatzeko aproposak: “Egun hartan”, “Ametsa”, “Ezintasuna”, “Zaldia eta heriotza” eta “Verdungo inprimeria”, horiek guztiak argiki narrazio laburraren generoaren alorrekoak. Bitxia irudi dezakeena kontuan hartuta egilearen estreinako lan literarioak direla. Egia da ipuin horiek idatzi eta argitara eman zituenerako Jean Bruller, alias Vercors, ez zela jada hasiberri bat –1902an jaio zen eta, ondorioz, lehenengoa kaleratu zuenerako, 1942an, bazituen berrogei urte–, eta ordurako emanda zituela urratsak publizista, ilustratzaile eta marrazkigile satiriko gisa –1926an, esaterako, aldizkarietan kolaboratzeaz gain, Indarkeriazko heriotzarako 21 errezeta praktiko albuma kaleratu zuen, gerra aurretik argitaratu zuen lan grafiko ezagunena aipatzearren–, eta ondo erlazionatuta zegoela Frantziako literatur munduko zenbait figurarekin, André Maurois edo Pierre Lescure bezalakoekin alegia. Baina, argitara eman ez zuen nobela sentimental bat alde batera utzita, “Itsasoaren isiltasuna” izan zen hitz soileko literatur lan bati arrakastaz ekin zion lehenengo aldia. Eta nolako arrakastaz: zalantzarik gabe, eta ondoren ere idazten eta argitaratzen –marrazten bezala– jarraitu zuen arren, bere lanik ezagunena izaten jarraitzen du. Hainbeste ezen “one hit wonder” literariotzat har baitaiteke Vercors, kritikariek bere ondorengo obrak aldarrikatzeko egindako ahalegin guztiak gora-behera –besteak beste 1952ko Animalia desitxuratuak eleberria, gizatasunaren mugei buruzko, esango nuke, gaurkotasun handiko fabula bat, eta 1967ko Isiltasunaren bataila, okupazio urteetan zentratutako memoria-liburua–. Vercorsen konpromiso politikoak, bestalde, tinko eutsi zion hurrengo urteetan, 1956an Partidu Komunistarekin apurtu zuenean –Hungariako inbasioaren aurkako protesta gisa–, edo 1960an 121en manifestua sinatu zuenean, Aljeriako gerrarekiko intsumisioaren alde. Bestetik, liburuak merezi du ipuin hauek ez soilik lan literario onak direlako, baizik eta, orobat, “denbora errealean” idatzitako literatura konprometituaren adibide bikainak direlako. Badago defendatzen duenik gatazka politikoen edo belikoen testuinguruan idatzitako literatur lanek, garaiko tirabiren eta jarrera hartzeko premien ondorioz, kalitate eskasa izateko joera daukatela, edo bizkorregi iristen dutela iraungitze data; ondoren idatzitako fikzioa izan ohi dela hobea, hots, denborak perspektiba pixka bat eman duelarik. Hori defendatzen du, zeharka bada ere, Andrés Trapiellok Espainiako Gerra Zibilaren inguruko Las armas y las letras bere saiakera klasikoan, edo Ricardo Menéndez Salmón idazleak El corrector nobelan, aldarrikatzean “literatura ona ekaitzaren ostean idazten dela beti”. Ipuinok irakurtzea nahikoa da iritzi zabaldu hori zalantzan jartzeko, pixka bat gutxienez. “Itsasoaren isiltasuna” eta bilduma honetako ondorengo lanak oso zirkunstantzia historiko konkretuetan idatzi eta, ez neke gutxirekin, argitaratu eta zabaldu zirelako: 1940 eta 1944 artean naziek okupatutako Frantziarenean –eta Vichyko erregimenaren pekoan, zer esanik ez–, edo justu ondoren; “Itsasoaren isiltasuna” 1941eko urrian datatuta agertzen da, eta ipuinik berriena “Verdungo inprimeria” litzateke, gerra amaitu eta berehalakoa, 1945eko abuztukoa hain zuzen ere. Gainera, erresistentziaren literaturaren ikur bihurtu ziren berehala, lehenengoa batez ere, nahiz eta ez polemika gutxirekin. Jakina den bezala, 1940ko maiatza eta ekaina artean armada alemaniarrek Frantziari eraso egin, eta, Blitzkrieg labur baten ostean, errepublikaren errendizioa lortu zuten. Testuinguru horretan, Jean Bruller, urte batzuk lehenago bere posizio antimilitaristak abandonatu zituena, landara erretiratu zen, herrixka bateko aroztegi batean lan egitera: beste intelektual frantses batzuk bezala, erregimen berriarekin ez kolaboratzera deliberatuta zegoen, eta okupazioak jarraitzen zuen bitartean ezer ez argitaratzera. Baina Erresistentziak aurrera egin zuen neurrian, Parisera itzuli eta alemaniarren kontrako “fronte kulturalean” parte hartzen hasi zen, aurretik aipatutako Lescurerekin Éditions du Minuit argitaletxe klandestinoa fundatuz, besteak beste. “Itsasoaren isiltasuna” izango zen, hain zuzen ere, 1941ean idatzi eta 1942an, neke handiz, kaleratuko zuten lehen lana, zeinaren ostean egile ezagunago edo ezezagunagoen beste hainbat argitaratu eta banatu baitziren, beti ezizenez sinatuak; Vercors izan zen Bruller-ek hautatutakoa, Alpeaurreko mendigune bati erreferentzia eginez –garai horretako pseudonimo askok jite geografiko-nazional hori hartu zuten, idazleen abertzaletasunaren ikur gisa; hala, Jean Guéhennok Cévennes ezizenarekin sinatu zuen Éditions de Minuiterako bere ekarpena, François Mauriacek Forez bezala, etab.–. Orduz geroztik, lan grafikoak sinatzeko bere jatorrizko izena erabiltzen jarraituko zuen arren, Vercors bezala sinatuko zituen bere lan literarioak. Nouvelleak arrakasta izan zuen berehala –salbuespenezko garai haietan zerbait arrakastatzat har zitekeen neurrian–: argitaletxeak inprimatutakoez gain, kopia berriak hasi ziren laster eskuz esku pasatzen, eta De Gaullek Britainia Handian berrinprimarazi zuen –ale horietako asko erresistentziarako arma eta hornigaien bidalketekin batera igortzeko, abioietan-eta, edo aipatu filmaren lehenengo eszenak erakusten duen gisara–; berehala izan zuen, orobat, ingeleserako itzulpena ere, Cyril Connollyren eskutik. “Itsasoaren isiltasuna”-ren harrera, edonola ere, polemikoagoa izan zen atzerrian: Frantzian erresistentziako –eta erresistentziaren aldeko– lantzat hartu bazen ere, kritiko batzuek, ezbaian ipini zuten egile ezezagunaren konpromisoa kausaren alde; bat edo bat atzean propaganda alemaniarra egon zitekeela espekulatzera iritsi zen, batez ere ofizial alemaniarraz ematen duen erretratu “sinpatikoagatik” –badago espekulatzen duenik Ernst Jünger idazlea egon daitekeela pertsonaiaren oinarrian, haren frankofilia agertu baitzuen nolabait garai bertsuan, 1942an argitara eman zuen Frantziaren inbasioaren inguruko Lorategiak eta errepideak egunerokoan, baina datek ez dute guztiz bat egiten, “Itsasoaren isiltasuna”, testuaren amaieran dagoenari kasu eginez gero, 1941ean idatzi zelako–. Edonola ere, polemika hori datu esanguratsua iruditzen zait, lanaren kalitate literarioaren alde hitz egiten duen neurrian: istorioaren irakurketa ez da guztiz ezbaikoa, obra erabat panfletario batean gertatuko litzatekeen bezala, eta zuri-beltzezko manikeismoan erori ordez, grisen eremuetan garatzen da. Literatura ona mugitu ohi den horietan, hain zuzen ere. Harreraren inguruko eztabaida horiek hobeto ulertzeko urte batzuk geroago Jean-Paul Sartrek Zer da literatura? lanean “Itsasoaren isiltasuna”-ri buruz esan zituenak hartuko ditugu. Berehala irakurriko duzun bezala, ipuinaren ardatza bi frantsesek, gizon zahar batek eta bere iloba gazteak, etxean “apopilo” daukaten ofizial alemaniarraren aurreko erresistentzia pasiboa da, eta erantzun hori, lana idatzi zen garaian, 1941ean, argia eta garbia zen, baina 1942rako, hots, kaleratu eta zabaldu ahal izan zenerako –erresistentzia gaullistaren eta komunistaren ekintza armatuak gora egiten ari ziren testuinguruan– ez zen, akaso, nahikoa sendoa. Sartrek dioen bezala: Bitxia da nola Itsasoaren isiltasuna, lehenengo orduko erresistente batek idatzitzako obra, zeinaren helburua argi eta garbi genekusan, etsaigoa baino ez zuen aurkitu New Yorkeko, Londresko eta batzuetan are Aljerreko erbesteratuen inguruneetan, egilea kolaborazionistatzat jotzeraino. Kontua da Vercorsek ez zuela publiko hori buruan. Zona okupatuan, kontrara, inork ez zuen zalantzarik izan egilearen helburuei buruz, ezta haren idatziaren eraginkortasunari buruz ere: guretzat idazten zuen. (…). Hartara ez da egiaren izenean hobetsi behar ditugula anglosaxoien propagandak egunero sortzen zituen irudiak. Baina metropoliko frantses batentzat Vercorsen nobela zen eraginkorrena, 1941ean. Etsaiaren eta norberaren artean suzko hesi bat dagoenean, blokean epaitu beharra dago hura, gaizkiaren haragitzea balitz legez: gerra guztiak dira manikeismo bat. Ulergarria da, beraz, Ingalaterrako egunkariak denborarik ez galtzen ibiltzea armada alemaniarrean alea lastotik bereizteko. Alderantziz, herri garaitu eta okupatuek, garaileekin nahastuta zeudenek, gizakitzat hartzera berrikasten dute, ohituraren eta propaganda trebe baten eraginez. Gizaki onak edo gaiztoak; onak eta gaiztoak aldi berean. 41ean soldadu alemaniarrak ogroen gisa aurkeztuko zizkien obra batek barregura emango zien, eta helburua huts egingo zuen. 42aren amaieratik Itsasoaren isiltasunak bere eraginkortasuna galdu zuen: gerra berriro hasi zen gure lurraldean: alde batetik, propaganda klandestinoa, sabotajeak, trenak errailetatik ateraraztea, atentatuak; bestetik, etxeratze-aginduak, deportazioak, espetxeratzeak, torturak, bahituen exekuzioak. Suzko hesi batek banatu zituen atzera alemanak eta frantsesak; ez genuen gehiago jakin nahi gure lagunei begiak eta azazkalak erauzten zizkieten alemanak nazismoaren konplizeak ala biktimak ote ziren; haien aurrean ez zen nahikoa isiltasun harro bat gordetzearekin, gainera haiek ez zuten toleratuko ere: gerraren bihurgune horretan haien kontra ala haien alde egon beharra zegoen (…). Derrota gertatu eta urte eta erdi geroago, [nobela] bizirik zegoen, garratz, eraginkor. Hemendik mende erdira ez du inor suhartuko. Gaizki informatutako publiko batek 1939ko gerraren inguruko ipuintxo atsegin eta ia hits bat bezala irakurriko du. Ematen du bananek gustu hobea dutela bildu bezain pronto: izpirituaren obrak, berdintsu, lekuan bertan kontsumitu behar dira (Qu’est-ce que la littérature?, Paris 1948, 79-82 orr. ). Sartrek iradokitzen duena interesgarria da, nahiz eta 1948ko bere jarrera biziki zorrotzaren atzean badagoen, akaso, okupazio garaian agintari naziekiko garatu zituen joera –esan dezagun xuabe– moldakorrak ahanzturan uzteko ahalegintxo bat, bere burua erresistente kutsugabe gisa aurkeztuz. Edozein modutan ere, eta filosofo frantziarraren iritziaren aurka, ez dut uste iraungitze data iritsi zaionik Vercorsen fikzioari, agian suhartzerik ez dugulako jada behar, Sartrek aldarrikatzen zuen bezala. Bai, irakurleak ahalegin bat egin behar du Vercorsen ipuinen garaian eta testuinguruan kokatzeko: Txekhoven narrazioekin, Harrotasuna eta aurrejuzkuakekin edo On Kixote Mantxakoarekin egin behar den bezalaxe. Baina ez dute horregatik balio literario gutxiago: ez “Itsasoaren isiltasunak”, inbaditzaile alemaniarren aurreko erresistentziarik oinarrizkoena duena hizpide, ezta hurrengoek ere, bestelako kontuak jorratzen dituztenak –“Egun hartan” izenburukoak, gerrak eta errepresioak eragindako familia-banaketena; “Ametsa”-k, deuseztapen esparruena, noiz eta 1943an alajaina; “Ezintasuna”-k eta “Verdungo inprimeria”-k, modu ezberdinetan, juduen kontrako pertsekuzioari egiten diote erreferentzia; “Zaldia eta heriotza”-ren gaia, aldiz, okupazioa bera da, alemaniarren inbasioaren lehenengo uneak alegia, eta badu ukitu umoristikorik–. Are gehiago, kasu honetan gatazkaren ondoren idatzi zen literatura frantziar askok baino balio ez soilik literario, baizik eta balio historiko gehiago daukala esatera ausartuko nintzateke, gerraosteko literatura horren zati handi bat –filmek eta abarrek bezala– “Frantzia erresistentearen” mitoa finkatzera bideratuta egon zen neurrian –edo, beste hitz batzuetan esateko, frantziar nazionalismoaren berreraikuntzan laguntzera, Vercorsen “Verdungo inprimeria” ipuinean horren kaltetuta sumatzen dugun nazionalismo hura hain justu ere–. Izan ere, soilik berriki, azken hamarraldiotan hasi da paradigma hori berraztertzen, eta azaleratzen frantziar guztiak ez zirela, ezta gutxiago ere, erresistenteak edo matxinoak izan, kolaborazionismoa uste baino hedatuago egon zela, eta frantziarren erantzukizuna, juduen deportazioan eta, ondorioz, Holokaustoan, ez zela hutsaren hurrengoa izan. Hots, ikuspegi ilunago bat, Patrick Modiano bezalako egileen obran behin eta berriro aldarrikatu dena, gauza erlatiboki berria balitz bezala: ba ikuspegi hori badago, gordin, memoriaren galbahetik igaro gabea, Vercorsen ipuinotan; horren antz handiegia hartu diodan lana, garai bertsuan idatzitako baina askoz ere geroago arte berreskuratu ezin izan zen Irène Nèmirovskiren Suite frantsesa nobela amaitu gabean aurki daiteke, nik uste. Hortxe, beraz, pieza hauen beste bertuteetako bat, José Donosok esan zuen hura gogora ekartzen didana: “arte lan batek eragin dezakeen esperientzia zirraragarrienetako bat garaikidetasuna haragitzean datza, ez hura formulatzean”. Beraz, bi elementu dauzkagu ipuin hauetan funtzionatzen eta elkarren artean eragiten: alde batetik, garaikidetasuna, hots, “denbora errealean” idatzitako lanak izatea, zirkunstantzia historiko konkretu batzuen ispilu gisa –eta ez, nobela historikoak egin ohi duen bezala, iragana modu irensgarriago edo “entretenigarriago” batean berreraikitzeko formula gisa–. Eta, bestetik, eta nahiz eta obraren motorra militantismoa izan –kasu honetan Frantziaren liberazioaren aldekoa–, asmo literario bat: balio literario bat izango zuen lan bat ontzea alegia, panfletismo hutsean geratuko ez zena. Horrek ematen die balioa ipuin hauei, eta horrek atzeratzen die, nire ustez, iraungitze data. Gurean ere, ETAk jarduera armatuari utzi zionetik, egingo den atzera begirako literaturaren aldeko ahotsak, euskal literaturan “aro berri” bat irekitzen zela aldarrikatu dutenak, ez dira eskas izan, aurretik idatzi dena gutxietsiz nolabait. Eta nik esango nuke ez genukeela gure iragan literarioa ahaztu behar, gai horri –eta beste batzuei– dagokionean: ez ditugula “denbora errealean” Ramon Saizarbitoriak, Bernardo Atxagak, Jokin Muñozek, Arantxa Urretabizkaiak, Luistxo Fernandezek, Xabier Montoiak, Jose Luis Otamendik edo Juanjo Olasagarrek kontuari buruz idatzi zituztenak ahaztu behar. Adibidez. Ez baitut uste, fikzioari dagokionean, “ekaitzaren ostean” etorriko denik, derrigor, literaturarik bikainena edo oparoena: ondoren, lehen bezala, gauza onak, erdipurdikoak eta txarrak idazten eta argitaratzen jarraituko dira. Eta gaizki egingo genuke iragan literario hori alde batera utziko bagenu. Hori ere gogorarazi dit Vercorsen lanak. Frantsesek oker egingo lukete, beraz, liburu hau ahaztuta, berritasun errebisionista bezala azken urteotan aurkeztu diren lan asko goraipatzearen kariaz: Vercorsengan hori guztia zegoelako, zuzen eta gordin, literatura –iraungo zuen literatura– idazteko asmoarekin batera. Eta guk ere gaizki egingo genuke orain, baldin eta Booktegik eta Josu Zabaletak eskaintzen diguten aukera eder honi muzin egingo bagenio. HITZAURRE GISA ETSIPENA HIL Oraindik ere ez dut oso ongi ulertu nola gertatu zitzaigun, ez niri ez beste guztioi. Ez naiz ulertzen saiatzen ere, bestalde. Badira mirari batzuk oso naturalak direnak. Onartzen oso errazak, nahi dut esan. Nik pozik hartzen ditut; eta horietakoa izan zen hau ere. Askotan pentsatzen dut horretan. Samurtu egiten naiz, irribarre egiten dut eta nagiak ateratzen ditut. Badakit zer aurkiturik izango litzatekeela seguru asko. Zertarako, ordea? Erdi-ezjakintasun hau ongi datorkit, alafede. Zein bizkor galtzen duten kolorea oinazerik sakonenek! Orain dela hogeita hamar hilabete hil egin nahi nuen. Baginen banaka batzuk hiltzea nahiago genuenak. Amildegi okaztagarri bat baizik ez genuen ikusten aurrean. Nola bizi han? Zergatik itxaron asfixia higuingarri bati? Ai! topatuko bagenu harkaitz desertu bat, uharte abandonatu bat, gizakien nahaste nazkagarritik urrun… Zein arrotz dirudien hark gaur, itxaropena izateko honenbeste arrazoi dugunean! Itxaropena, etsimena, ez dira zentzuz jokarazten duten gauzak, ez zentzuzkoak ere. Etsimenak hartuak geunden, burutik oinetara. Eta, aitortu beharra dago: ordu arte ikusiak, oraindik ere ikusten ari ginenak, ez zigun askorik laguntzen etsimen hura uxatzen. Zeren ez baikeunden denak etsita. Ez horixe! Handik eta hemendik etorrita hondamendiak jantoki nahasi hartan bildu eta guduan parte hartu ez izanak baizik berdintzen ez gintuen ofizial dozena haren baitan, ez zen etsimena gehien nabarmentzen zen gauza. Bakoitza bere buruaz kezkatzen zen batez ere. Eta aurrerako bide guztiak itxita ez bazituen behintzat, gainerakoak ez zuen asko-askorik larritzen. Uztail hartan Laval-Talleyrand mitoa zebilen zabaldurik: Waterloo ondoren, gizaje doilor batek urte gutxi behar izan zituen beldurra eragiteko moduko Frantzia bat berreraikitzeko; beste doilor batek beste horrenbeste egingo zuen orain ere. Itxarotea aski. Bazen han gizon bat Randois kapitaina deituko dudana. Ez nuen gustukoa. Desegigoaren aurretik ere etsaigoa eragiten zidan haren edozerk: haren burgoikeriak, monarkiaren aldeko iritziek, jendeari zion mesprezuak. Harekin ez hitz egiten saiatzen nintzen. Beldur nintzen ez ote zuen, hitz batez, Errepublikaren zoritxarrak, tiraniaren garaipenak bere baitan seguru piztu behar zioten atsegina aditzera emango. Horrelakorik ezin izango nukeen onez eraman, ihardetsi gabe. Nire nerbioak ez zeuden sendo-sendoak garai hartan. Eskerrak berak ere ez zuen ia hitzik egiten. Isilik jaten zuen, bere sudur luze gakotua zamaurantz makurturik. Gure otorduen bilbea osatzen zuten etengabeko eztabaida politiko ergelek gutxiespena baizik ez zuten jasotzen harengandik; iraingarritzat hartuko nukeen, neuk ere beste horrenbeste egingo ez banu. Gure komandante lapur gizajoa, Gard-eko kontseilari nagusia, izaten zen norgehiagoka haietako mahaiburu; bere begi handi itzaliez babesten zituen. Aurpegiagatik eta azentuagatik, Raimu belaxkatu bat zirudien, Fratellinitarretako bat ere bai, hilda zegoena, bere gaiztakeria barregarriak notario arrandiatsu baten itxuraren atzean gordetzen zituena. Urduri aztertzen zuen etorkizuna, bere zurikeria koipetsuarentzat hartan zer leku zula zezakeen kezkaturik. Egun batean esan zuen: –Ikusten, Randois? Zure Maurras hori Mariskalaren alde jarri da erresalburik gabe –hitz egiten zuenean, haren ahotsak bazirudien ito egin behar zuela ezpain gurien artetik jario behar ziola zirudien ur trago batean–. Ni aspaldiko erradikala naiz, baina aberria zoritxarrean dagoenean, alde batera utzi behar norbere iritziak. Zure Maurras hori ederki, oso ongi. Zer uste duzu iritziko diotela gure garaileek? Randois kapitainak sudurra jaso zuen. Eta haren begiak, haren begi urdin hotzak (niri ankerrak iruditzen zitzaizkidan), nire gainean pausatu ziren. Bai, nire gainean eta nire ondoan zegoen Despérados kapitainaren gainean; eta erantzun zuen: –Fritzek? Hezurretaraino zukutu, hori egingo digute. Mugarik gabeko tristura bat zuen haren ahotsak. Harritu egin ninduen, begiradak areago, hala ere, hitzek baino. Hala bada, gure aldera bildu zitzaigun; bakartiongana, mutuongana ondoratu zitzaigun. Hark hobeto ulertu ninduen ni, nik bera baino. Gaur egun badakit ez nintzela behar bezain ernea. Zeren herrialde osoaren irudia baitzen ofizialen jantoki hura; koldarrek, maleziatsuek eta gaiztoek baizik ez zuten jarraituko erasiaka; gainerakoei isilik egotea baizik ez zitzaien geratuko protesta egiteko. Randoisek ezagutu egin gintuen. Ni isilik nengoen. Despérados kapitaina, hala ere, isilago ni baino. Hura bai, parte hartua zen “gure” guduan: itxura hutsezko guduan, bi armistizioren artean atrapatutako hiru egun haietan, ohore-dominez estalitako gizon batzuen doilorkeria barregarriaz bizitza oso bateko esperientziak baino gehiago irakatsi zigun parodia desohoragarri hartan. Hasieratik bukaeraraino izan zen komedia lotsagarri eta anker haren lekuko. Bere eskuetan eduki zituen, lotsarik gabe utzi baitzizkioten eskuetan, froga higuingarri zikinak: duintasunik gabeko buruzagi batek, hondamendiaren egunik makurrenetan, bere anbiziorako bideak prestatzeko izan zuen arduraren frogak. Anbizio zitala. Hark zurbildu egin zuela esango litzateke, betirako zurbildu ere. Zurbil eta zurrun zegoen, burua biratzeko bizkarra ere biratzera behartzen zuen zauri zahar batek zurrundurik; eta zezenketari ile-zuritu batena bezalako aurpegi ederra bitan banatzen zion eta, bide batez, monokulo batek bezala, eskuineko begia zabalik edukiarazten zion orban batez are zurbilago. Eta horrek guztiak aurpegiera bikoitz bat ematen zion, sarkorra eta dominatzailea. Aste horietan guztietan ez zuen irribarre bat egin. Inoiz ez nuen barrez ikusi, behin salbu. Bai, gaur egun ere ahaleginak egin behar ditut ia ulertzeko, garai hartan ulertzen nuen bezala, gizon bat egon zitekeela aste osoan irribarrerik ezin egiteraino lurjoa. Neu ere halaxe nengoen, ordea. Herrestan eramaten genituen gure oinetako-zola nagiak, armistizioaren ondoren kokatu gintuzten eguzkiak erretako herritxo hartako kale bakarrean. Ezin genuen handik irten. Bi taberna, pertsona adeitsu batek utzitako lorategitxo bateko aulkia edo gure gela, ez genuen beste aukerarik. Nik, nire aldetik, nire gela aukeratu nuen. Ia irten ere ez nintzen egiten handik. Nire desanimua desanimuz elikatzen zen hantxe, zer eginik ez izate horrez gizentzen zen. Gaur egun seguru nago bizimodu oinazegarri bera egiten zutela Randoisek, Despéradosek ere. Horretantxe egon litezke, geure gogoz kontra, barnean harresiturik geunden isiltasun infernuzko haren arrazoiak. Nire gela txikia zen. Txikia zelako aukeratu nuen. Goi samarreko leiho estu batetik teilatuetarantz jotzen zuen. Hala bada, ziega baten modura-edo zen niretzat, neska gazte batek bere arretaz eztituko zukeen ziega bat. Ordutan eta ordutan egoten nintzen han, horma-tarte estu hartan. Preso horma haien artean, gogoetetan bezala: uxatzeko gauza ez nintzen gogoeta soil izugarrietan. Gustatu egiten zitzaidan horma haiek nire gainean astun sentitzea, oi handitua behatz urduri batez zapaltzea gustatzen den bezala. Gogo-osasunerako ez zen batere ona, hori seguru. Baina ez tabernarik taberna ibiltzea baino txarragoa, ez denen koldarkeria ikustea baino txarragoa. Azkenerako, otorduetarako baizik ez nintzen irteten. Ez nuen bide luzea egin behar izaten. Gure ofizialen jantokia zegoen etxea nirearen aurrez aurre zegoen, kaletxo estu harritsu baten beste aldean. Otordu horiek oso biziak eta zaratatsuak izaten ziren. Niretzat, goibelak. Antzarak bezala gizentzen gintuzten. Intendentzia porrotak jo gabe zegoen oraindik, eta hainbat jaki eskaintzen zizkigun otordu bakoitzean; gutako batek aurkitu eta “beretutako” sukaldari militar diplomadun harroputz batek, ofizial guztiek miresten zuten saltsa nazkagarri baten azpian zuhurki ezkutatzen zituen jaki haiek. Zorionak ematen genizkion elkarri. Amultsutasunik tolesgabeena zen nagusi galoidun haien artean, elkarrengandik bereizi orduko elkarri erraiak ateratzen bazizkioten ere. Denak ziren elkarren arerio, honegatik edo hargatik. Hondamendiak ez zien kendu lehentasunetarako zaletasuna, handik gutxira lehentasun guztiak galdu behar bazituzten ere. Beren arteko etsaigo hori baino gauza materialagorik ere bazen. Batzuk berehalaxe ohartu ziren bazegoela zer irabazirik desorganizazio orokor hartan, gauzak kontrolatzeko ezintasun hartan. Otorduetan errespetu zintzozko adierazpenik sutsuenak egiten zitzaizkiona, huraxe zen gorrotatuena, gure Fratellini-komandantea, harixe ematen baitzion bere graduak lapurretarik oparoenak egiteko aukera. Bagenekien haren ganbara txokolatez, pastaz, arrozez beteta zegoela. Nik ere gorrotoa izan beharko niokeen gizon hari. Ez dakit zergatik, ordea, ez nuen lortzen gorrotatzerik. Baliteke izatea doilorkeria hain nabarmen zuelako berezkoa, non tolesgabea bilakatzen baitzen horrexegatik. Baliteke izatea banekielako –berak baino lehen– hiltzera zihoala. Halako uremia-puntu batera zegoen iritsita, non berehala jo behar baitzuen krisiren batek. Lo geratzen zen, ez bakarrik bazkaldu ondoren, ez bakarrik plateretik platerera bitartean, baizik eta baita mokaduen tartean ere, segundo batzuk, sardexka jasota zuela. Besteak barrez ikusten nituen. Errukarria eta tragikoa zen. “Ai, Jaungoikoa –pentsatzen nuen– horni dezala ongi bere ganbara hori”. Eta hala ere neure buruari ez nion barkatzen erruki hori. Despérados ondoan nuenean pozik egoten nintzen. Ez nintzen horren bakarrik sentitzen. Ez garrantzizko hitzik inoiz elkarrekin trukatu genuelako. Baina batzuetan, herriak bere buruzagitzat zeuzkan gizon haien axolagabekeria tamalgarriaren beste erakusgarriren bategatik barrenak disgustuz ondoezten ari zitzaizkidala sentitzen nuenean, lepo zurruna nireganantz bihurtzen, begi handitua niregan pausatzen ikusten nuen. Halaxe gure begiradak gurutzatzen genituen, eta horrek bihotza arintzen zigun. Hortik aurrera ez genuen koaita gehiagorik kontatzen. Goiz hartan, ordea, zertxobait gehiagotara iritsi zen. Kafea hartzera sartu nintzenerako han zegoen, bakarrik, bere kafea aurrean zuela. Petit Dauphinois irakurtzen ari zen. Zoritxarreko hamabost egun haien ondoren iritsi zitzaigun lehenengoetakoa zen. Eta horretan, bat-batean luzatu zidan, isilik eta amorruz, hatz lodiaz editoriala seinalatuz, eta irakurri bitartean, nire gainean eduki zituen bere begi argitsuak. Bai, irakurrarazi zidanak espero izateko guztia gainditzen zuen. Gizonen mesprezurik handiena izanda ere, frogarik ezean sinetsiko ez genukeena ere bai. Jeanne d’Arc, Santa Elena, Albion Gaiztoa aipatzen zizkiguten, besterik gabe (ez ahaztu lehenengo aldia zela). Hiru aste lehenago, Lys eta Somme ibaiek, odoletan eta usteldurik, itsasorantz zeramatzaten milaka teutoniar barbaroak aipatzen zizkigun zutabe berean gizon berberak gozamen sadiko batez, sinadura berarekin aipatu ere. Zer esan behar nion nik? Ez nion ezer esan. Baina nire aulkira itzulirik barreari eman nion. Despéradosek, besoak mahai gainean jarri, eta barre egin zuen hark ere. Barre luze, zaratatsua, balantza pixka bat eginez. Zarata gozakaitz bat zen pozik gabeko alaitasun hura, ogi lizunduaren usaina zerion gela hits hartan. Gero isildu egin ginen, eta jaiki egin ginen, elizatxoan gerran hildakoen aldeko meza batera joateko ordua genuelako. Izan zitekeen hunkigarria eta soila. Gorrotagarria eta barregarria izan zen. Apaiz-soldadu gazte, ikasgura eta handinahi batek egin zigun sermoia, sermoi hartan bere elokuentzia erakusteko parada zuelako pozik. Hileta-sermoi huts, puztu bat bota zigun, moldegabe samarra, gainera, talenturik ere ozta-ozta erakusten zuena. Inoiz baino abailduago atera nintzen handik. Burumakur nindoan, Despéradosen eta isil-isilik gureganatu berria zen Randoisen artean. Bi lorategitako hormen artean, kaletxo belartsu batetik aurrera gindoazela, ezin izan nuen eutsi ia bularra mintzeraino estutzen zidan intziri haietako bat. Randoisek burua niregana biratu, eta adeitasunez irribarre egin zidala ikusi nuen. –Nork bere basta –esan zuen, eta gure artean sarturik, beso banatatik heldu zigun. Halaxe iritsi ginen ofizialen jantoki aurrera. Oraindik ez zen ordua. Lehendabiziko aldiz ez ginen elkarrengandik bereizi. Espaloi estuaren ertzean eseri ginen, eta berriro jausi zitzaigun gainera isiltasunaren pisua. Orduantxe ikusi genituen lau ahatetxoak zetozela. Lehendik ere ezagutzen nituen. Askotan egona nintzen begira lumatxa horizko pilotatxo barregarri haietako batari edo besteari, segundotxo batez ahots hauskor eta samurgarriz pioka aritzeari utzi gabe bide ertzeko ubideetan edo putzurik txikienean txaplaka. Behin baino gehiagotan lagundu zidan haietako batek bukatu ezinezko egun haietako minutu batzuk bizkorxeago, hainbesteko astuntasunik gabe, bizitzen. Eskertzen nien. Oraingo honetan laurak ilaran zetozen, ahateen moduan. Kale nagusitik zetozen, herrenka eta arrandiatsu, bizi, erne eta militar. Pioka zetozen etengabe. Soinketalarien desfileak ekartzen zituzten gogora, beren ikurrina harrotasunez eramanez eta oso ahots faltsu batez indar handiz kantatuz. Lau zirela esan dut. Azkenekoa gazteagoa zen; txikiagoa, horiagoa, txitagoa. Baina inork halakotzat trata ez zezan ongi erabakia. Besteek baino gorago egiten zuen pioka; arauzko distantzia ez galtzeko hankez eta hegaltxoez baliatuz. Baina zaharragoek baldarki baina kemenez gainditzen zituzten harri kozkorrak, ibilera presatsua eragozten zioten behaztopak ziren harentzat. Egia esateko, muturrak hausten zituela, beste ezerk ez luke adieraziko zehazkiago horrelakoetan hari gertatzen zitzaiona. Sei pausoz behin muturra hausten zuen, eta jaiki, berriro abiatu, eta itxura militar eta larri batez presakatzen zen, nekerik gabeko oparotasun eta puntualtasun batez pioka jardunez, eta berriro aurkitzen zen mokoa hautsetan zuela. Halaxe desfilatu zuten, ahate-desfile baten ordena aldaezinean. Gutxitan egokitu zait horren gauza komikorik ikustea. Eta halaxe barrez entzun nion neure buruari, eta baita Despéradosi ere, baina ez goizeko barre itsusi hartaz. Despéradosen barrea sakona eta sanoa zen oraingo honetan. Eta Randoisen barre lehor samarra ere ez zen gozakaitza. Eta ahatekumeak, pioka jarraituz, kale kantoian biratu ziren, eta txikiena berriro ikusi genuen muturra hausten, desagertu baino lehen. Eta horretan, horra, Randoisek eskuak bizkarrean jarri zizkigun, eta gure gainean bermatu zen jaikitzeko, eta hori egitean behatzak estutu zituen, adeitasunez, eta min pixka bat egin zigun. Eta esan zuen: –Bazkaltzera! Goazen. Aterako gara honetatik. Horixe zen, hain zuzen, neu ere pentsatzen ari nintzena: aterako gara honetatik. Gezurra esango nuke hitz horiexek pentsatzen nituela esango banu. Hain beltza ikusten zen aldi hau baino are ilunagoak izan ziren mendeetan eta amairik gabeko aldi luzeetan pentsatzen ez nuen bezala; ezta hilketa haien artean, lapurreta haien artean, ezjakintasun fanatiko haren erdian, ankerkeria garaile haren erdian, ia mila urtez eskuz esku zuzi itzalkor bat igaroarazteko fraide batzuek behar izan zuten ausardia etsia, seta izugarria gogoratzen ez nuen bezalaxe. Ezta horrek, guztiaren gainetik, bizitzea merezi zuenik ere, gure patua hori bazen, eta horixe gure eginbehar bakarra handik aurrera. Egia da ez nuela horretan guztian pentsatu. Baina ondo ezagutzen duzun liburu baten azala ikusten duzunean bezalaxe izan zen. Nola eraman gintuzten lau ahatetxo haiek, gure gogoaren ezkutuko zein bidetatik eraman gintuzten bat-batean gure etsimena makurra eta antzua zela ikustera? Ez dakit. Gaur, lerrook idazten ari naizela, badut tentazioa horretan sinbolo erraz eta erakargarri bat irudikatzeko. Baliteke ez huts egitea. Dena galdurik zutela uste izateko guk baino ere arrazoi gehiago zuten lehen kristauen begien aurrean gureek bezain komikoki desfilatzen zuten ahatetxoak gogoratu nituen beharbada oharkabean. Agian iruditzen zitzaidan lau ahatekume harro eta xalo haiek oso ongi parodiatzen zutela gizonek taldean daudenean dituzten sentimenduetako gauzarik txarrenak, edota baita haiengan diren gauzarik onenak ere. Eta merezi zuela bizitzea, zeren itxaro zitekeen egunen batean gauza oker horiek erauzi ahal izango direla, eta gauzarik onenak birlorarazi. Baliteke. Baina baliteke, areago, hori dena kausaren premietarako baizik ez aurkitu izana. Azken-azkenean nahiago dut misterioa. Badakit, hauxe da segurua, ahatetxo bixkor, martzial, samur eta barregarri haiei zor diedala egun ilun bateko pasadizorik ilunenean nire etsimena bizkarretik, kapa astunegi bat bezala, irristatzen sentitu izana. Aski da. Ez dut ahaztuko. ITSASOAREN ISILTASUNA Saint-Paul-Roux Olerkari erailaren oroitzapenez. Aparatu militarraren erakuste handi bat izan zen aurrena. Bi soldadu, hasteko, biak ilehoriak, bat baldarra eta argala, bestea sendokotea, hargin-eskuduna. Etxeari begira egon ziren, sartu gabe. Geroago subofizial bat etorri zen. Soldadu baldarra zuen laguntzaile. Ustez frantsesa zelako batean hitz egin zidaten. Hitz bat bera ere ez nien ulertzen. Hala ere, libre zeuden gelak erakutsi nizkien. Pozik ziruditen. Biharamun goizean, kabriolet militar gris, handi-handi bat sartu zen lorategian. Gidariak eta soldadu gazte mehe, ilehori eta irribarretsu batek bi kutxa eta oihal grisez bildutako zama handi bat atera zituzten. Gelarik zabalenera jaso zuten dena. Kabrioletak alde egin zuen, eta handik ordu batzuetara zaldi-hotsa entzun nuen. Hiru zaldizko agertu ziren. Haietako bat zalditik jaitsi eta harrizko eraikin zaharra ikustera joan zen. Itzuli, eta denak, gizonak eta zaldiak, lantegitzat erabiltzen dudan bordan sartu ziren. Geroago ikusi nuen bi harriren artean iltzatu zutela nire arotz-mahaiko matxarda, hormako zulo batean, matxardari soka bat lotu ziotela, eta zaldiak sokari. Bi egunez ez zen besterik gertatu. Ez nuen beste inor ikusi. Zaldizkoak goizean goiz ateratzen ziren beren zaldiekin, arratsean ekartzen zituzten berriro, eta goitegira jaso zuten lasto gainean lo egiten zuten beraiek. Gero, hirugarren eguneko goizean, berriro etorri zen kabriolet handia. Gazte irribarretsuak metalezko kutxa handi bat bizkarrean hartu eta gelara eraman zuen. Ondoren, bere poltsa hartu eta ondoko gelan utzi zuen. Jaitsi eta, nire ilobari frantses txukunean mintzatuz, maindireak eskatu zizkion. Iloba joan zen atea zabaltzera, jo zutenean. Kafea atera berria zidan, gauero bezala (kafeak lo eragiten dit). Gela barrenean nengoen eserita, nahiko ilunpean. Ateak lorategira jotzen du, maila berean. Etxearen luzera osoan lauza gorrizko bazterbide bat dago, euria egiten duenerako oso erosoa. Oin-hotsak entzun genituen, takoiek lauzatan egiten zuten zarata. Ilobak begiratu zidan, eta katilua mahaian utzi zuen. Nik eskuetan atxiki nuen nirea. Gau iluna zen, ez oso hotza: azaro hura ez zen oso hotza izan. Isla erraldoia, kapela zapala, euritako berokia kapa baten moduan bizkarrean jarria ikusi nituen. Ilobak atea zabaldua zuen, eta isilik zegoen. Atea hormaren kontraraino irekita zeukan, bera ere hormaren kontra zegoen, ezeri begiratu gabe. Nik kafea edaten nuen, zurrutadatxo txikitan. Ofizialak, atetik, esan zuen: “Atsegin baduzue”. Haren buruak agurtxo bat egin zuen. Isiltasuna neurtzen ari zela zirudien. Gero sartu egin zen. Kapa beso gainean irristatu zitzaion, militarren moduan agurtu eta kapela kendu zuen. Nire ilobarenganantz bihurtu zen, irribarre arin bat egin zuen, soina pixkatxo bat makurtuz. Ondoren niri begiratu, eta erreberentzia sakonago bat egin zidan. Hark: “Werner von Ebrennac dut izena”. Pentsatzeko astia eman zidan, oso bizkor: “Deitura ez du alemana. Emigratzaile protestanteren baten ondorengoa ote?” Berak jarraitu zuen: “Sentitzen dut”… Azkeneko hitz hori, arrastaka esana, isiltasunean erori zen. Ilobak atea itxia zuen, eta hormaren kontra bermatuta jarraitzen zuen, zuzen aurrera begira. Ni ez nintzen jaiki. Katilu hutsa harmoniumaren gainean pausatu nuen geldiro, besoak tolestu eta zain geratu nintzen. Ofiziala berriro hasi zen: “Beharrezkoa zen, noski. Ahal izan banu, saihestuko nukeen. Nire laguntzaileak behar diren guztiak egingo ditu zuek lasai egoteko, nik uste”. Gelaren erdian zegoen, zutik. Sekulako handia eta oso argala zen. Eskua jasoz gero, sabaiko habeak ukituko zituzkeen. Burua aurrerantz makurtu samarra zeukan, lepoa sorbalda gainean ez baina, bularraren hasieran landatua balu bezala. Ez zen konkorduna, baina itxura hori ematen zion. Aldakak eta bizkar estuak harrigarriak zituen. Aurpegia, ederra. Gizon-aurpegia, masailetan bi ildo handiz markatua. Begiak ez zitzaizkion ikusten, bekainek egiten zieten itzalak ezkutatuta. Argiak iruditu zitzaizkidan. Ilea horia eta malgua zuen, atzeraka botata, lanpararen argitan zetaren gisan distira egiten zuela. Isilunea luzatzen ari zen. Geroz eta lodiagoa ari zen bihurtzen, goizeko erlainoa bezala. Lodia eta geldia. Nire ilobaren gelditasunak, nireak ere bai, zalantzarik gabe, astunago egiten zuten isiltasun hura, berunezkoa bihurtzen zuten. Ofiziala bera, nahasturik, geldi zegoen, harik eta, azkenean, haren ezpainetan irribarre bat ernetzen ikusi nuen arte. Haren irribarrea serioa zen, eta ironia arrastorik gabea. Keinu bat zirrimarratu zuen eskuaz; ez nuen ulertu zer esan nahi zuen. Haren begiak nire ilobarengan pausatu ziren; ilobak zurrun eta tente jarraitzen zuen; eta lasai-lasai ikusi ahal izan nuen haren soslai indartsua, sudur irten, mehea. Ezpain erdi-itxien artean, urrezko hortz baten distira ikusten nion. Azkenean begiak itzuli, eta tximiniako suari begiratu zion eta esan zuen: “Nik estimu handia diet beren aberria maite dutenei” eta burua kolpetik jaso eta leiho gaineko aingeru eskulpituari begiratu zion. “Nire gelara joatea gustatuko litzaidake orain –esan zuen–. Baina ez dakit nondik joaten den”. Nire ilobak eskaileratxora ematen duen atea zabaldu zuen, eta igotzen hasi zen, ofizialari begiratu ere egin gabe, bakarrik balego bezala. Ofizialak atzetik jarraitu zion. Hanka bat zurruna zuela ikusi nuen orduan. Gelaurretik igarotzen entzun nituen, alemanaren pausoek korridorean oihartzuna egiten zuten, behin gogor hurrena ahul, ate bat zabaldu zen, eta ondoren itxi. Iloba itzuli zen. Berriro bere katilua hartu eta kafea edaten jarraitu zuen. Nik pipa piztu nuen. Minutu batzuetan isilik egon ginen. Eta nik: “Gisakoa ematen du behintzat, eskerrak”. Ilobak soinak jaso zituen. Nire belusezko jaka belaunetan hartu, eta hartan josten hasia zen ezin ikusizko adabakia bukatu zuen. Biharamun goizean sukaldean gosaltzen ari ginenean jaitsi zen ofiziala. Beste eskailera batek hara ematen du, eta ez dakit alemanak entzun egin zigun ala ezustean hartu zuen bide hura. Atean geratu, eta esan zuen: “Oso ondo igaro dut gaua. Zuek ere nik bezain ondo igaroko ahal zenuten”. Irribarrez begiratzen zuen sukalde zabalera. Egur gutxi genuenez, eta ikatza gutxiago, pintatu berria nuen; altzari batzuk eta kobrezko ontzi batzuk eta antzinako plater batzuk eraman genituen hara, neguan zehar gure bizitza hara mugatzeko asmoz. Hori dena aztertzen ari zen, eta hortz zuri-zurien ertza distiratzen ikusten zitzaion. Begiak, uste nuen bezala beltzak ez baina, urre-kolorekoak zituela ikusi nuen. Azkenean, sukaldea igaro eta lorategirako atea zabaldu zuen. Bi pauso egin eta biratu egin zen, gure etxe luze, apala, parralez estalia, teila arreduna ongi ikusteko. Irribarrea zabal-zabal egin zitzaion. –Zuen alkate zaharrak esan zidan gazteluan izango nuela ostatua –esan zuen, arbola biluztuek maldan goraxeago begiztatzen uzten zuten eraikin handinahia esku-kolpe batez adieraziz–. Zorionak emango dizkiet nire gizonei, nahastu direlako. Askoz ere gaztelu ederragoa da hau hura baino. Ondoren atea itxi, beiren beste aldetik agurtu, eta alde egin zuen. Arratsean bezperako ordu berean etorri zen berriro. Kafea edaten ari ginen. Atea jo zuen, baina ez zen geratu ilobak atea zabaldu zain. Berak zabaldu zuen: “Beldur naiz traba egiten ez ote dizuedan –esan zuen–. Nahiago baduzue, sukaldetik sartuko naiz; hala, giltzaz itxi dezakezue ate hau”. Sukaldea igaro zuen, eta eskua kisketan zuela geratu zen une batez, janariak keztatzeko gelako zokoetara begiratuz. Azkenean soin-makurtze arin bat egin zuen: “Gabon izan dezazuela”, eta atera egin zen. Atea ez genuen behin ere giltzaz itxi. Ez nago seguru ez ixteko arrazoiak oso argiak edo oso garbiak izan ziren. Esan gabeko adostasun batez erabakita geneukan, ilobak eta biok, ez genuela ezer aldatuko gure bizimoduan, ezta xehetasunik ñimiñoena ere: ofiziala existituko ez balitz bezala; mamu bat balitz bezala. Baina baliteke nire barrenean asmo horrekin batera beste sentimendu bat ere nahastea: ez naiz gauza inor mintzeko neuk sufritu gabe, ezta etsaia izanda ere. Luzaroan –hilabete batez baino gehiagoz– eszena bera errepikatu zen egunero. Ofizialak atea jo eta sartu egiten zen. Hitz bat edo beste esaten zuen eguraldiari buruz, tenperaturari buruz edo garrantzi beretsuko beste gairen batez: gauza bat zuten denek berdina, ez zirela erantzunik espero izatekoak. Beti geratzen zen unetxo batez atetxoaren ondoan. Ingurura begiratzen zuen. Irribarre guztiz arin batek adierazten zuen azterketa hori eginez hartzen-edo zuen atsegina –azterketa bera egunero, eta atsegin bera–. Haren begiak nire ilobaren soslai makurtuari begira luzatzen ziren, hura lehor eta sor beti ere, eta azkenean, begirada harengandik kentzen zuenean, seguru nengoen irakur zitekeela hartan halako oniritzi irribarretsu bat. Gero, makurtuz, esaten zuen: “Gabon izan dezazuela”, eta atera egiten zen. Gauzak kolpetik aldatu ziren arrats batean. Kanpoan elur busti mehe bat ari zuen, ikaragarri hotza eta bustigarria. Beheko suan halako egunetarako gordeta neuzkan egur lodi batzuk neuzkan erretzen. Neure gogoaren kontra ere, imajinatzen ari nintzen ofizialak kanpotik sartzean izango zuen itxura, elurrez zipriztinduta. Baina ez zen etorri. Hura iristeko ordua aspaldi igaroa zen, eta ernegatuta nengoen gogoetan nerabilela aitortu beharra nuelako. Iloba trikotatzen ari zen geldiro, lanean buru-belarri, itxuraz. Pausoak entzun ziren, azkenean. Baina etxe barrutik zetozen. Pauso-hots desberdinengatik, ofizialaren ibilera zela antzeman nion. Beste atetik sartu zela ohartu nintzen, gelatik zetorrela. Ez zuen azaldu nahi izan, nonbait, gure begien aurrera uniforme busti eta prestasunik gabearekin: aldatu egin zen lehendabizi. Pausoak –bat sendoa, bat ahula–, eskaileretan behera zetozen. Atea zabaldu zen eta ofiziala agertu zen. Kalekoz jantzita zegoen. Galtzak flanela gris lodikoak ziren, jaka tweed urdin-altzairu kolorekoa, puntu arre beroz nahastua. Zabala eta erosoa zen, eta axolagabetasun dotore batez jausten zitzaion. Jakaren azpian, ile-hari gordin lodizko jertse batek inguratzen zuen soin estu, gihartsua. –Barkatu –esan zuen–. Ez dut berorik. Busti-bustita nengoen, eta nire gela oso hotza da. Minutu batzuk aski izango ditut zuen sutondoan berotzeko. Neke pixka batez makurtu zen sutondoaren aurrean; eskuak luzatu zituen. Gorantz eta beherantz biratzen zituen. “Ederki!… ederki!” –esaten zuen. Biratu eta bizkarra garretarantz ipini zuen, makurtuta, belaun bat besoen artean zuela. –Hau ez da ezer –esan zuen–. Frantzian negua urtaro biguna izaten da. Nire herrian bai izaten dela gogorra. Oso gogorra. Zuhaitzak izeiak dira, oihanak oso itxiak, elurra astuna izaten da gainean. Hemen zuhaitzak meheak dira. Elurra, zuhaitz hauen gainean, farfaila. Gurean zezena gogoratzen digu, sendoa eta indartsua, bizitzeko bere indarraren premia duena. Hemen jeinua da, pentsaera sotila eta poetikoa. Ahotsa aski sorra zuen, ez zuen batere gozoa. Doinua arina zen; kontsonante gogorretan baizik ez zen markatzen. Orotara, marmario kantari samar baten antza zuen. Jaiki zen. Besoa tximinia garaiaren buruan bermatu zuen, eta bekokia esku gainean. Hain handia zen non makurtu egin behar baitzuen pixka bat; nik buruaren kaskoaz ere joko ez nukeena. Nahikoa luzaro egon zen mugitu gabe, mugitu gabe eta hitz egin gabe. Nire iloba bizkortasun mekaniko batez ari zen trikotatzen. Ez zion begirik bota, ezta behin ere. Ni pipatzen ari nintzen, nire besaulki handi, bigunean. Gure isiltasunaren astuntasuna gainetik ezin astinduzkoa zela iruditzen zitzaidan. Agur esan eta alde egingo zuela gizon hark. Baina berriro altxatu zen marmario sor, kantaria; ezin esan isiltasuna eten zuenik, aitzitik, hartatik jaioa zirudien. –Nik beti maite izan dut Frantzia –esan zuen ofizialak mugitu gabe–. Beti. Aurreko gerrakoan haurra nintzen, eta garai hartan nuen iritziak ez du balio. Baina geroztik beti maite izan dut. Urrutitik, ordea. Printzesa Urruna bezala –eten bat egin zuen, seriotasun handiz esan baino lehen–: Aitarengatik. Biratu eta, eskuak jakako poltsikoetan zituela, ate-zangoan bermatu zen. Buruak apala jotzen zion. Aldian behin garondoa haren kontra igurzten zuen geldiro, orein batek egingo balu normala zatekeen mugimendu batez. Hantxe zegoen besaulki bat libre, oso hurbil. Ez zen eseri. Azkeneko eguna arte, inoiz ez zen eseri. Guk ez genion eskaini, eta berak ez zuen ezer egin, inoiz, etxekotasuntzat har zitekeenik. Berriro errepikatu zuen: –Aitarengatik. Oso abertzalea zen. Gerra galtzea samin bortitza izan zen harentzat. Hala ere, maite zuen Frantzia. Maite zuen Briand, sinesten zuen Weimarreko Errepublikan eta Briandengan. Oso gogo berokoa zen. “Senar-emazteak bezala elkartuko gaitu” esaten zuen. Uste osoa zuen Europa osoaren gainean zabalduko zela azkenik eguzkia… Hala hitz egitean, nire ilobari begiratzen zion. Ez zion begiratzen gizonak emakumeari begiratzen dion bezala, estatua bati begiratzen dion bezala baizik. Eta halaxe zen, izan: estatua bat. Estatua bizia, baina estatua. –… Baina Briand garaitu egin zuten. Aitak Frantzia oraindik ere zuen burges handi ankerrek gobernatzen zutela ikusi zuen –zuen de Wendel, zuen Henry Bordeaux eta zuen Mariskal zaharra bezalakoek–. Eta esan zidan: “Ez zaitez inoiz joan Frantziara, botaz eta kaskoz jantzita sar zaitezkeen arte”. Hitz eman behar izan nion, hiltzeko gutxi falta baitzuen. Gerra hasi zenean, Europa osoa ezagutzen nuen nik, Frantzia salbu. Irribarre egin zuen, eta, esplikazioa balitz bezala, esan zuen: –Musikaria naiz. Egur bat erori zen, txingarrak sutetxetik kanpora atera ziren. Alemana makurtu eta suhatzaz txingarrak bildu zituen. Eta jarraitu zuen: –Ez naiz musika-jotzailea; musikagilea baizik. Horixe da nire bizitza guztia, eta, horrexegatik, barregarri sentitzen naiz gerra-gizon itxuran. Nolanahi ere, ez dut damurik gerra honengatik. Ez. Gauza handiak aterako dira, nik uste, honetatik… Zutitu zen, eskuak patriketatik atera, eta erdi-jasorik eduki zituen: –Barkatu: beharbada samindu egin zaituztet. Baina esaten ari nintzen hori, asmorik onenaz pentsatzen dut: Frantzia maite dudalako pentsatzen dut. Gauza handiak ekarriko ditu Alemaniarako eta Frantziarako. Uste osoa dut, aitak bezala, Europa osoan egingo duela argi eguzkiak. Bi pauso egin, eta soina makurtu zuen. Gauero bezala, esan zuen: “Gabon izan dezazuela”. Eta atera egin zen. Isil-isilik bukatu nuen nire pipa. Eztul pixka bat egin eta esan nuen: “Beharbada bihozgabekeria da hitz bakar baten limosna ere ukatzea gizon horri”. Ilobak aurpegia jaso zuen. Oso gora jasota zeuzkan bekainak, bi begi distiratsu eta haserreren gainean. Pixka bat gorritzen ari nintzela iruditu zitzaidan ia. Egun hartatik aurrera, era horretakoak izan ziren haren bisitak. Oso gutxitan baizik ez genuen ikusi uniformez jantzita. Lehenik aldatu, eta gero jotzen zuen gure atea. Etsaiaren uniformea ikustera ez behartzeko? Edota uniformea ahantzarazteko, beregana ohitu gintezen? Bietarako, seguru asko. Atea jo, eta erantzunaren zain geratu gabe sartzen zen, bazekien-eta ez geniola erantzungo. Tankerarik xaloenaz egiten zuen hori, eta sutan berotzera etortzen zen; huraxe izaten zuen beti etortzeko aitzakia: ez bera ez gu ez ginen aitzakia hartaz engainatzen, eta bera ere ez zen ahalegintzen haren konbentzionaltasun erosoa ezkutatzen. Ez zen gauero-gauero etortzen, baina ez naiz gogoratzen behin ere hitz egin gabe alde egin zuenik. Suaren gainera makurtzen zen, eta bere gorputzaren atalen bat garraren beroari begira jartzen zuen bitartean, leun-leun altxatzen zen haren marmariozko ahotsa, eta amaitu ezinezko bakarrizketa bat izan zen, ilunabar haietan guztietan zehar, bere bihotzean zeramatzan gaiei buruz: bere herrialdea, musika, Frantzia; zeren behin ere ez baitzen ahalegindu guregandik erantzun bat, onespen bat, begirada bat bera jasotzen. Ez zuen luzaro hitz egiten, inoiz ez lehenengo egun hartan baino luzaroago. Esaldi batzuk esaten zituen, zenbaitetan isilaldiz etenak, beste batzuetan otoiz baten jarraitasun betiberdinaz kateaturik. Batzuetan tximiniaren kontra geldirik, kariatide bat nola; beste batzuetan, solasa eten gabe, gauzaren batera, hormako marrazkiren batera hurbilduz. Gero isiltzen zen, makurtzen zen eta gaua ondo igarotzeko opatzen zigun. Behin esan zuen (bere bisiten hasierako garaietan zen): –Zertan dira desberdinak nire herrialdeko sua eta su hau? Egurra, garra, tximinia antzekoak dira, jakina. Baina argia ez. Argia argitzen dituen gauzen araberakoa da: sukalde honetan dagoen jendearen, altzarien, hormen, apaletan dauden liburuen araberakoa… »Zergatik gustatzen zait honenbeste gela hau? –esan zuen gogoetatsu–. Ez da hain polita ere; barkatu!… –barre egin zuen–: Esan nahi dut, ez da museoko pieza bat… Zuen altzariak, ezin esan: hona altzari zoragarriak… Ez… baina gela honek badu arima. Etxe honek guztiak du arima». Liburutegiko apalen aurrean zegoen. Haren behatzek fereka arin batez ukitzen zituzten liburuen azalak. »… Balzac, Barrès, Baudelaire, Beaumarchais, Boileau, Buffon… Chateaubriand, Corneille, Descartes, Fénelon, Flaubert… La Fontaine, France, Gautier, Hugo… Hau zerrenda! –esan zuen barretxo arin batez, eta burua astinduz–. Eta H letrara baizik ez naiz iritsi!… Ez Molière, ez Rabelais, ez Racine, ez Pascal, ez Stendhal, ez Voltaire, ez Montaigne, ez gainerako guztiak!…”. Behatzak liburuen gainetik geldiro irristatzen jarraitzen zuen eta ia entzun ezinezko “A!” bat ateratzen zitzaion aldian behin, uste ez zuen izenen bat irakurtzen zuenean, nik uste. “Ingelesak –hasi zen berriro–, segituan pentsatzen da: Shakespeare. Italiarrak: Dante. Espainia: Cervantes. Eta gurean, segituan: Goethe. Hortik aurrera bila hasi behar. Baina, Frantzia? galdetzen bada. Nor ateratzen da segituan? Molière? Racine? Hugo? Voltaire? Rabelais? edo beste zein? Elkarren gainka etortzen dira, antzokira sartu nahi duen jendetza bezala dira, ez dakizu nor sarrarazi lehenengo. Biratu zen, eta serio esan zuen: –Baina, musikari dagokionez, gurera jo behar: Bach, Haendel, Beethoven, Wagner, Mozart… zein izen dator lehenengo? »Eta elkarri gerra egin diogu! –esan zuen geldiro, burua mugituz. Berriro tximiniara itzuli zen, eta nire ilobaren soslaian pausatu ziren haren begi irribarretsuak–. Baina hau da azkenekoa! Ez dugu berriro borrokarik egingo: ezkondu egingo gara! –bekainak tolestu zituen, masailetako zuloak bi ildo luzez markatu zitzaizkion, hortz zuriak agertu ziren. Alaikiro esan zuen:– Bai, bai!. –Buru-astintze arin batek errepikatu zuen baiespena–. Saintesen sartu ginenean –jarraitu zuen isilune baten ondoren–, pozik nengoen biztanleek abegi ona egiten zigutelako. Oso pozik nengoen. Pentsatzen hasi nintzen: Erraza izango da. Eta gero ikusi nuen ez zela hori, koldarkeria baizik ez zela. –Serio jarri zen–. Mespretxatu egin nituen. Eta beldur naiz Frantziagatik. Pentsatzen hasi nintzen: Egiaz bihurtu ote da horrelakoa? –Burua astindu zuen–: Ez! Ez. Gero ikusi nuen; eta orain pozik nago aurpegi garratza jartzen duelako. Haren begirada nirera bihurtu zen; nik nirea desbideratu nuen; une batez gelako zenbait lekutan gelditu zen; ondoren, lehen utzia zuen aurpegi errukirik gabe sorgorrera itzuli zen berriro. –Pozik nago hemen adineko gizon duin bat aurkitu dudalako. Eta andereño isil bat. Garaitu egin beharko da isiltasun hori. Garaitu egin beharko da Frantziaren isiltasuna. Gustatzen zait. Nire ilobari begiratzen zion: soslaia garbi, tematu eta itxia, isilik, seta serio batez, baina oraindik ere irribarre baten hondarrak geratzen zitzaizkiola. Ilobak nabaritzen zuen. Pixka bat gorritzen ikusten nuen, haren bekainen artean zimur bat eratzen poliki-poliki. Haren behatzek bizkortxo tira egiten zioten, lehorregi, orratzari, haria eteteko arriskuaz. –Bai –hasi zen berriro ahots marmariotsu geldia–, hobeto da horrela. Askoz hobeto. Lotura sendoak egiten dira horrela, alde biek handitasuna irabazten duten loturak… Bada haurrentzako ipuin eder bat, oso ederra, nik irakurri nuena, zuek ere irakurri duzuena, jende guztiak irakurri duena. Ez dakit berdin deitzen den zuenean eta gurean. Gurean Das Tier und die Schöne, –Ederra eta Piztia– du izena. Eder gaixoa! Piztiak bere mende dauka, ezindurik eta preso; eguneko ordu guzti-guztietan inposatzen dio bere presentzia erruki gabe, astuna… Ederra ausarta, prestua da; gogortu egin da… Baina Piztia hobea da dirudiena baino. Bai, ez da asko findu! Moldegabea, zakarra da, baldarra dirudi, hain fina den Ederraren aldean!… Baina badu bihotza, bai, badu gora egin nahi duen arima bat. Ederrak nahiko balu!… Ederrak denbora behar du nahi izateko. Eta, hala ere, poliki-poliki, argi bat aurkitzen du kartzelazain gorrotatuaren begien barren-barrenean, erregua eta maitasuna islaturik irakur daitezkeen distira bat. Gutxiago sentitzen du hanka zapaltzailea, gutxiago sentitzen ditu bere kartzelako kateak… Gorrotatzeari uzten dio, haren iraunkortasunak hunkitu egiten du, eskua luzatzen dio… Bat-batean Piztia eraldatu egiten da, itxura basati hartan loturik daukan aztikeria ezabatu egin da: zaldun dotore eta jator bat, eztia eta ikasia da orain, eta Ederrak ematen dion musu bakoitzak geroz eta dohain distiratsuagoz janzten du… Bien batzeak zoriontasun gain-gaineko bat ekarriko du. Haien haurrak, beren gurasoen dohainak bateratzen eta elkartzen baitituzte, lur honetan inoiz izan diren ederrenak dira… »Ez zaizu gustatzen ipuin hau? Niri beti gustatu izan zait. Behin eta berriro irakurtzen nuen. Negar eragiten zidan. Piztia gustatzen zitzaidan batez ere, haren samina ulertzen nuelako. Gaur egun ere, zirrara eragiten dit aipatzen dudanean. Isildu zen, arnasaldi sakon bat hartu, eta makurtu egin zen: –Gabon izan dezazuela. Gau batean –nire gelara igoa nintzen, tabako bila– harmoniumaren kantua igotzen entzun nuen. “VIII. Preludioa eta Fuga” ari zen jotzen; iloba hondamendia baino lehen prestatzen ari zena. Koadernoa orrialde horretan zabalduta geratua zen, baina, arrats hartara arte, nire iloba ez zen animatu berriro ariketak egitera. Berriro ariketak egiten hasi izanak poza eta harridura eragin zidan: barneko zer premiak bultzatu ote zuen bat-batean erabaki hura hartzera? Ez zen iloba. Iloba ez zen mugitu bere besaulkitik, ez egiten ari zen lana utzi ere. Haren begiradak nirea bilatu zuen, mezu bat bidali zidan baina ez nuen dezifratu. Musika-tresnaren aurrean makurtuta zegoen soin luzeari begira egon nintzen, esku luze, fin, urduriei begira; haien behatzak pertsona autonomoak balira bezala mugitzen ziren teklen gainean. Preludioa baizik ez zuen jo. Jaiki eta sutondora etorri zen. –Hau baino handiagorik ez dago –esan zuen bere ahots sorraz, marmar bat baino ozenago ez zela–. Handia?… ez da hori hitz egokia. Gizonaz gaindikoa, gizonaren haragiaz gaindikoa. Horrek ulertarazten digu, ez: antzemanarazten digu… ez: sumarazten digu… sumarazten digu zer den giza arimaren izaera… giza arimaren izaera jainkozko eta ezagutu ezina, giza arimaren izaera… hutsa… Bai: gizakiarena ez den musika bat da. Isiltasun ameslari batean, bere gogoeta aztertzen ari zela zirudien. Ezpain bat geldiro hortzikatzen zuen. –Bach… Alemana izan behar, nahita ez. Gure lurrak badu izaera hori, gizakiarena ez den izaera hori. Gizakiaren neurrikoa ez dena, nahi dut esan. Isilaldi bat, eta gero: –Musika hau, gustatzen zait, miresten dut, betetzen nau, Jainkoaren presentzia bezalaxe da nire baitan, baina… Baina ez da nirea. »Gizakiaren neurriko musika egin nahi dut nik: egiara iristeko bide bat da hori ere. Nire bidea. Ez nuke nahi, ezingo nuke beste bide batetik ibili. Orain badakit hori. Oso ongi dakit. Noizdanik? Hemen bizi naizenez geroztik. Bizkarra eman zigun. Eskuak tximinia-buruan bermatu zituen, hatzen bidez hartan finkatu zen eta aurpegia garretara begira jarri zuen, besoen artean, burdinsare bateko barren artetik bezala. Ahotsa sorragoa eta marmariozkoagoa egin zitzaion: –Orain Frantziaren beharra dut. Baina asko eskatzen diot: onar nazala eskatzen diot. Harengan arrotz baten gisan, bidaiari baten edo konkistatzaile baten gisan egotea, hori ez da ezer. Hala denean, ez du ezer ematen, ezin zaio ezer kendu-eta. Haren aberastasuna, haren aberastasun gorena, ezin konkista daiteke. Bularretik edoski behar zaio, amatasun-sentimendu eta bulkada batez eskaini behar dizu bularra… Badakit gure esku dagoela hori… Baina baita bere esku ere. Onartu egin behar du gure egarria ulertzea, eta onartu egin behar du egarri hori asetzea… onartu egin behar du gurekin elkartzea. Zutitu egin zen, bizkarra emanez beti ere, behatzak harriari erantsirik beri ere. –Nik –esan zuen altuxeago– luzaro bizi beharko dut hemen. Hau bezalako etxe batean. Herri honen berdina den herri bateko seme gisa… Beharrezkoa izango da… Isildu egin zen. Gureganantz biratu zen. Haren ahoak irribarre egiten zuen, baina ez haren begiek, nire ilobari begira. –Gaindituko dira oztopoak –esan zuen–. Egiazkotasunak beti gainditzen ditu oztopoak. –Gabon izan dezazuela. Ezin ditut gogoratu, gaur egun, neguko ehundik gorako gau haietan esan ziren guztiak. Baina gaia ez zen askorik aldatzen. Bere Frantziaren aurkikuntzaren rapsodia luzea beti: ezagutu aurretik urrutitik zion maitasuna eta bertan bizitzeko zoriona zuenez geroztik egunetik egunera sentitzen zuen maitasun handiagoa. Eta miretsi egiten nuen, bai horixe. Bai: etsitzen ez zuelako. Eta isiltasun errukigabe hura hitzezko bortizkeriaren batez astintzeko tentaziorik inoiz ez zuelako… Alderantziz, zenbaitetan isiltasun hark gela osoa hartu eta gas astun eta arnastu ezin baten gisan zokorik zokoenak ere hanpatu zezan uzten zuenean, bazirudien bera zela, gu hiruon artean, erosoen zegoena. Eta orduan nire ilobari begiratzen zion, lehenengo egunetik bertatik izan zuen onespenezko espresio irribarretsu eta aldi berean serio harekin. Eta nik asaldaturik sentitzen nuen nire ilobaren arima berak eraikia zuen espetxe haren barruan; seinale askotan igartzen nion, eta ez zen txikiena behatzetan zuen dardaratxo bat. Eta Werner von Ebrennac-ek isiltasun hura, leunki eta talkarik gabe, bere ahots marmariozkoaren xarmaz azkenean ezabatzen zuenean, bazirudien arnasa libreago hartzen uzten zidala. Bere buruaz hitz egiten zuen, askotan: –Gure etxea basoan dago, han jaio nintzen, herriko eskolara joaten nintzen, herriaz beste aldean; inoiz ez nuen handik alde egin, azterketetarako Munichera eta musika-ikasketetarako Salzburgera joan nintzen arte. Geroztik han bizi izan naiz beti. Hiri handiak ez zitzaizkidan gustatzen. Ezagutu ditut Londres, Viena, Erroma, Vartsovia, Alemaniako hiriak, noski. Ez zaizkit gustatzen bizitzeko. Praga bakarrik gustatzen zitzaidan asko; ez dago beste hiri bat hark bezainbesteko arima duenik. Eta Nurenberg batez ere. Aleman batentzat, bihotza zabaltzen dion hiria da, han aurkitzen dituelako bere bihotzean maite dituen fantasmak, han aurkitzen duelako, harri bakoitzean, Alemania zaharraren nobletasuna egin zutenen oroitzapena. Frantsesek gauza bera sentitu behar dute Chartreseko katedralaren aurrean, nik uste. Beren ondo-ondoan sentitu behar dute arbasoen presentzia, haien arimaren grazia, haien fedearen handitasuna eta haien grazia. Zoriak Chartresera eraman ninduen. Ai, nolako zirrara galsoro helduen gainetik, urruntasunaren urdinez eta garden, gorputz gabe, agertzen denean! Antzina hara oinez, zaldiz edo gurdiz iristen zirenen sentimenduak imajinatzen nituen… Haien sentimendu berak partekatzen nituen, eta maite nuen jende hura, eta nola nahiko nukeen haien anaia izatea! Aurpegia ilundu egin zitzaion: –Gogorra da, inondik ere, Chartresera beribil blindatu handi batean etorritako gizon batengandik entzuteko… Baina egia da. Hainbeste gauza nahaspilatzen dira batera aleman baten ariman, onenarenean ere! Eta nola gustatuko litzaiokeen nahasmendu horretatik sendatzea… Irribarre egin zuen berriro, irribarre arin bat, poliki-poliki aurpegi osoa argitu ziona, eta gero: –Gure ondoko gazteluan bada neska bat… Oso ederra eta oso amultsua da. Aita poztuko zatekeen harekin ezkontzen banintzen. Aita hil zenean, ia ezkongaiak ginen, elkarrekin pasiera luzeak egiten uzten ziguten, biak bakarrik. Nire ilobak haria, orduantxe eten baitzuen, berriro orratzaren begian sartu arte itxaron zuen, jarraitu aurretik. Arreta handiz ahalegintzen zen, baina orratzaren begia oso txikia zen eta kosta egin zitzaion. Lortu zuen, azkenean. –Behin –hasi zen berriro–, basoan geunden. Gure aurrean untxiak, katagorriak zebiltzan. Mila modutako loreak zeuden: lilipak, basa-hiazintoak, nartzisoak… Neskak poz-oihuak egiten zituen. Esan zuen: “Pozik nago, Werner. Maite ditut, oi, zenbat maite ditudan Jainkoaren opariok!” Ni ere pozik nengoen. Goroldiotan etzan ginen, garo artean. Ez genuen hitz egiten. Gure gainean izeien buruak balantzaka ikusten genituen, txoriak adarrik adar hegan. Neskak oihutxo bat egin zuen: “Ai, kokotsean zizta egin dit! Piztia zikina halakoa, eltxo gaiztoa!” Eta eskuaz keinu bizkor bat egiten ikusi nuen. “Harrapatu dut bat, Werner! A, ba, begira, zigortu egingo dut: hankak – banan-banan – kenduko – dizkiot…” eta halaxe ari zen egiten… »Eskerrak –jarraitu zuen–, senargaitzako beste asko zituen. Ez nuen damurik izan. Baina betirako beldurra hartu nien Alemaniako neskei. Bere eskuetara pentsakor begiratu, eta esan zuen: –Halakoxeak dira gure herrian politikariak ere. Horregatik ez dut nahi izan inoiz haiekin batzerik, nahiz eta nire kideek idazten zidaten: “Zatoz gurekin elkartzera”. Ez: etxean geratu nahiago izaten nuen beti. Musikak arrakasta izan zezan, ez zen ona, baina hainbat okerrago: arrakasta ez da ezer kontzientzia lasai edukitzearen aldean. Eta, benetan, badakit ideiarik handien eta nobleenak dituztela nire lagunek eta gure Führer-ak. Baina badakit eltxoei hankak banan-banan kenduko lizkieketela ere. Horixe gertatzen zaie beti alemanei oso bakarrik daudenean: beti suspertzen zaie hori. Eta nor “bakarragorik” alderdi bereko gizonak baino, buruzagiak direnean? »Eskerrak orain bakarrik ez dauden: Frantzian daude. Frantziak sendatuko ditu. Eta hau ere esango dizuet: beraiek ere badakite hori. Badakite Frantziak irakatsiko diela egiaz gizon handiak eta garbiak izaten. Aterantz egin zuen. Ahots beheratu batez esan zuen, beretzat ariko balitz bezala. –Horretarako maitasuna behar da, ordea. Une batez atea zabalik eduki zuen; aurpegia sorbaldarantz biraturik, bere lanaren gainera makurtuta zegoen nire ilobaren garondoari begiratzen zion, ileak kaoba iluneko kiribiletan jaikitzen ziren garondo ahul eta zurbil hari begira. Eta erabakitasun barezko doinu batean gehitu zuen: –Maitasun partekatu bat. Gero burua biratu zuen, eta atea haren atzean itxi zen, ahots bizkorrez eguneroko hitzak errepikatzen zituen bitartean: –Gabon izan dezazuela. Bazetozen udaberriko egun luzeak. Ofiziala eguzkiaren azkeneko errainuekin batera jaisten zen orain. Flanela grisezko galtzak erabiltzen zituen oraindik, baina soinean marraga-koloreko artilezko jertse gisako jaka arinago batek estaltzen zion lepo zabaleko lihozko alkandora bat. Arrats batean liburu bat hatz erakuslearen gainean itxita zekarrela jaitsi zen. Norbaiti ustez poza emango zaiolako seinalea den erdi-irribarre eutsi batek pizten zion aurpegia. Esan zuen: –Zuentzat jaitsi dut hau. Macbeth-en orrialde bat da. Jainkoa! Hau handitasuna! Liburua zabaldu zuen: –Bukaera da. Macbethen boterea badoakio behatzen artetik, azkenean haren handinahiaren belztasuna neurtzen dutenen atxikitasuna bezala. Eskoziaren ohorea defenditzen duten jaun nobleak haren hondamendi hurbila noiz gertatuko zain daude. Haietako batek gainbehera horren sintoma dramatikoak deskribatzen ditu… Eta geldiro irakurri zuen, astuntasun patetiko batez: ANGUS Orain eskuetan itsatsirik sentitzen ditu bere ezkutuko krimenak. Gizon bihoztsu matxinatuek uneoro itsusten diote bere asmo gaiztoa. Agindupean dituenak beldurrak mugitzen ditu, ez maitasunak. Zintzilik ikusten du bere aginpidea, erraldoi baten jantzia lapurtu duen nanoaren gainean dingilizka dagoen bezala. Burua jaso eta barre egin zuen. Harrituta ari nintzen neure buruari galdezka ea ni pentsatzen ari nintzen tirano berarengan pentsatzen zuen hark. Baina esan zuen: –Ez al da agertzen horretan zuen Almirantearen gauak asaldatu behar dituen irudi bera? Erruki dut gizon hori, benetan, zuei bezala niri ere mespretxua eragiten didan arren. Agindupean dituenak beldurrak mugitzen ditu, ez maitasunak. Bere jendearen maitasuna irabazi ez duen buruzagia ondo txotxongilo ziztrina da. Baina… baina… espero ote zitekeen besterik? Nork, izan ere, onartuko zukeen eginkizun hori horrelako handinahi goibel batek ez bada. Beharrezkoa zen, ordea. Bai, beharrezkoa zen bere aberria saltzeko prest zegoenen bat, zeren, gaur egun –gaur egun eta luzaroan oraindik–, Frantzia ezin etor daiteke gure besoetara bere begietarako duintasuna galdu gabe. Estalgilerik doilorrena izaten da askotan ezkontzarik zoriontsuenen oinarrian. Estalgileak ez du merezi, horregatik, mespretxu gutxiago, eta ezkontza ez da zoritxarrekoagoa. Liburua ixtean zart eragin zion, jakako patrikan sartu zuen, eta oharkabeko keinu batez bi bider jo zuen patrika hura bere esku-ahurraz. Gero, bere aurpegi luzea zoriontasunezko espresio batek argiturik, esan zuen: –Aurrez jakinarazi behar dizuet, nire ostalariok, bi astez kanpoan izango naizela. Pozik nago Parisa noalako. Nire baimen-txanda dut, eta Parisen igaroko dut, lehenengo aldiz. Egun handia da niretzat. Egunik handiena, nire bihotz guztitik espero dudan eta oraindik ere egun handiagoa izango den beste bat iritsi bitartean. Ez dit axola urteak igarotzea zain, hala behar bada. Nire bihotzak pazientzia handia du. »Parisen nire adiskideak ikustea espero dut; zuen politikariekin gure bi herrion batasun zoragarria prestatzeko negoziaketetan daude horietako asko. Hala ezkontza horren lekukoa izango naiz pixka bat… Esango dizuet pozten naizela Frantziagatik; hala oso bizkor itxiko zaizkio zauriak; baina are gehiago pozten naiz Alemaniagatik eta neuregatik! Inork ez du atera izango bere ongintzatik Alemaniak Frantziari bere handitasuna eta bere askatasuna itzuliz aterako duen adinako probetxurik. –Gabon izan dezazuela. OTELO Itzal dezagun argi hau, gero beste argia itzaliko dugu. Itzuli zenean ez genuen ikusi. Bagenekien han zela, zeren seinale askotan nabarmentzen baita etxean arrotz bat dagoela, nahiz eta hura ikusezin egon. Baina hainbat egunez –astebete baino askoz gehiagoz– ez genuen ikusi. Aitortuko ote dut? Falta horrek ez zidan gogoa bakean uzten. Harengan pentsatzen nuen, ez dakit zenbateraino ez nuen sentitzen damua, kezka. Ez ilobak ez nik ez genuen hitz egin horretaz. Baina arratsean goian oinkada irregularren hots sorra entzuten genuenean, argi ikusten nuen, ilobak bere lanean jartzen zuen arreta tematuan, haren aurpegiari espresio egoskor eta aldi berean erne bat ematen zioten marra arin batzuetan, bazerabiltzala hark ere nireen antzeko gogoetak. Behin Kommandantur-era joan beharra izan nuen, pneumatikoei buruzko aitorpen arrunt bat egitera. Eman zidaten inprimakia betetzen ari nintzela, Werner von Ebrennac bere bulegotik atera zen. Ez ninduen segituan ikusi. Hormako ispilu garai baten aurreko mahaitxo batean eserita zegoen sarjentuari ari zitzaion. Haren kantuzko doinu-aldaeradun ahots sorra entzuten nuen, eta hantxe geratu nintzen, han egiteko beste ezer ez banuen ere, zergatik jakin gabe, hunkiturik, hunkidura bitxi batez, ez dakit zer askabideren zain. Ispiluan ikusten nuen haren aurpegia; zurbila eta nekatua iruditzen zitzaidan. Begiak jaso zituen, nireak topatu zituzten, bi segundoz elkarri begiratu genion, eta kolpetik orpoen gainean biratu eta aurpegia eman zidan. Haren ezpainak zertxobait zabaldu ziren, eta geldiro esku bat pixka jaso zuen, eta ia bertan beheratu zuen berriro. Burua ia ez ohartzeko moduan astindu zuen, erabaki ezin patetiko batez, bere buruari “ez” esango balio bezala, baina begiak niregandik kendu gabe. Gero soin-makurtze arin bat egin zuen, begirada lurrera eramanez, eta, herrenka, bere bulegoan sartu zen berriro, eta han itxi zen. Horri buruz ilobari ez nion ezer esan. Baina emakumeek katukien igarpena dute. Ilunabar osoan etengabe jasotzen zituen begiak bere lanetik, minutu oro, niri begiratzeko; ea zerbait irakurtzen zidan, denbora guztian, pipa arreta handiz errez, bare edukitzen ahalegintzen nintzen aurpegian. Azkenean, eskuei jaregin zien, nekatuta bezala, eta, oihala tolestuz, goiz oheratzeko baimena eskatu zidan. Bi behatz kopetatik pasatzen zituen geldiro, buruko mina uxatzeko bezala. Musu eman zidan, eta haren begi gris ederretan erantzuki halako erasia bat eta nahiko tristura astuna ikustea iruditu zitzaidan. Alde egin zuenean, amorru zentzugabe batek hartu ninduen: zentzugabea izatearen eta zentzurik gabeko iloba bat izatearen amorruak. Zer zen, gero, ergelkeria hura guztia? Baina ez nintzen erantzuteko gauza. Ergelkeria bazen, ongi errotua zirudien inondik ere. Hiru egun geroago entzun genuen, gure katiluak hustu berri genituela, ohiko pauso irregularren taupada berriro jaiotzen, eta oraingo honetan hurbiltzen, zalantzarik gabe. Sei hilabete lehenago pauso haiek entzun genituen neguko lehenengo arrats hartaz gogoratu nintzen kolpetik. “Gaur ere euria ari du”, pentsatu nuen. Latz ari zuen euria, goizetik hasita. Euri jarraitu eta tematu bat, inguru guztia ito eta etxe barrua ere giro hotz eta heze batez estaltzen zuena. Ilobak zeta inprimatuzko lauki batez zeukan estalita bizkarra; zapian, Jean Cocteauk marraztutako hamar esku kezkagarrik adorerik gabe seinalatzen zuten elkar; ni eskuak piparen katiluan berotzen ari nintzen, eta uztailean geunden! Pausoek gelaurrea igaro eta eskailera-mailei intziri eragiten hasi ziren. Geldiro ari zen jaisten, geroz eta geldiroago, baina ez zalantzatan dagoenaren moduan: bere borondatea trantze akigarri batera behartuta daukan baten moduan baizik. Ilobak burua jaso eta begira ari zitzaidan; hontzaren begirada garden eta gizatasun gabe batez begiratu zidan denbora horretan guztian. Eta azkeneko eskailera-mailak kirrinka egin eta isilune luze batek jarraitu zionean, hegan egin zuen nire ilobaren begiradak, betazalak astuntzen ikusi nizkion, burua makurtzen eta gorputz guztia gogorik gabe besaulkiaren bizkarraren kontra etzaten. Ez dut uste isilune hark segundo batzuk baino gehiago iraun zuenik. Segundo luzeak, ordea. Ikusten ari nintzela iruditzen zitzaidan gizona, ate atzean, behatz erakuslea jasota, jotzeko prest, eta jotzeko keinu horrexegatik etorkizuna bahituran jartzera zihoan unea atzeratzen, atzeratzen… Jo zuen, azkenean. Eta ez zuen jo zalantzaren arintasunaz, ezta gainditutako herabetasunaren zakarkeriaz ere; hiru kolpe bete eta geldi izan ziren, atzerako biderik gabeko erabakitasun baten kolpe ziur eta bareak. Lehenagokoetan bezala atea segituan zabaltzen ikusiko nuela espero nuen. Baina itxirik geratu zen, eta ezin eutsizko gogo-asaldura batek hartu ninduen orduan: elkarren kontrako desiren zalantza nahasten zen galderarekin eta, geroz eta bizkorrago, urjauzi baten gisa –hala iruditzen zitzaidan– igarotzen ziren segundo haietako bakoitzak are nahasiagoa eta irteerarik gabeagoa bihurtzen zidan nahasmendu hura. Erantzun egin behar ote zitzaion? Zergatik aldaketa hura? Zergatik ari zen itxaroten gau hartan ordu arte, bere jarreraz, tema osasuntsu hura zenbateraino onartzen zuen erakutsia zuen isiltasun hura eten genezan? Zer agintzen zuen arrats honetan –arrats honetan– duintasunak? Ilobari begiratu nion, ea haren begietan adore emateko keinu edo seinale bat arrantzatzen nuen. Baina haren soslaia baizik ez nuen aurkitu. Atearen eskutokiari begiratzen zion. Lehen ere harritu izan ninduen hontzaren finkotasun gizatasun gabe hartaz begiratzen zion, oso zurbil zegoen, eta goiko ezpaina bere hortzen gainean irristatzean marra zuri mehe bat erakutsi zuen; eta uzkurtze samingarri batez igotzen ikusi nuen; eta nik, bat-batean agerira ateratako eta nire duda-muden oinaze arina hainbestez gainditzen zuen barruko drama hori ikusita, geratzen zitzaizkidan azkeneko indarrak galdu nituen. Une horretan beste bi kolpe eman zituzten –bi kolpe bakarrik, bi kolpe arin eta bizkor–, eta ilobak “Alde egingo du…” esan zuen hain ahots apal eta etsiaz non ez bainuen gehiago itxaron, eta ahots garbiz esan bainuen: “Aurrera, jauna”. Zergatik gehitu nuen “jauna” hura? Gonbita gizonari egiten niola azpimarratzeko, eta ez ofizial etsaiari? Ala, alderantziz, atea nork jo zuen banekiela eta hari hitz egiten niola erakusteko? Ez dakit. Ez dio axola. Gauza da “aurrera, jauna” esan nuela; eta sartu egin zela. Kalekoz jantzita azalduko zela uste nuen, eta uniformez zegoen. Inoiz baino uniformez jantziago zegoela esango nuke, gainera, alegia, garbi ikusi nuela hala jantzita ikustera behartzeko asmo sendoaz jantzi zuela jantzi hura. Atea hormaren kontraraino zabaldu zuen, eta zutik zegoen ate parean, hain zutik eta hain zurrun non zalantza eta guzti bainuen ea gizon berbera ote nuen aurrean, eta, lehendabiziko aldiz erreparatu bainuen Louis Jouvet antzezlearekin zuen antz harrigarria. Segundo batzuetan halaxe geratu zen, zutik, zurrun eta isilik, hankak zabal samar, eta besoak gorputzaren albo banatan espresiorik gabe zintzilik, aurpegia hain hotz, hain guztiz soraio, non ez baitzirudien inolako sentipenik izan zezakeenik barruan. Baina nik, nire besaulki sakonean eserita, eta aurpegia haren ezkerreko eskuaren parean nuelarik, esku hura ikusten nuen, nire begiak esku hari itsatsi zitzaizkion, eta kateatuta bezala geratu ziren hartan, hark eskaintzen zidan eta gizonaren jarrera guztia patetikoki gezurtatzen zuen ikuskari patetikoagatik… Egun hartan ikasi nuen esku batek, ongi begiratzen dakienarentzat, erakuts ditzakeela emozioak aurpegi batek bezain ongi, eta aurpegiak baino hobeto ere bai, eskuak aiseago ihes egiten baitio borondatearen kontrolari. Eta esku hartako behatzak luzatu eta tolestu egiten ziren, estutu egiten ziren eta lotu, mimikarik bizienari emanak zeuden, aurpegia eta gorputz osoa geldirik eta zurrun bazeuden ere. Gero bazirudien begiak piztu egin zitzaizkiola, une batez niri begiratu zidaten –aztore batek zelatatzen ninduela iruditzen zitzaidan–, begi distiratsuak betazal zabaldu eta zurrunen artean –loezinak jotako baten betazal zimurtu eta aldi berean zurrunak–. Gero nire ilobarengan pausatu ziren –eta ez zuten handik alde egin. Eskua azkenean gelditu zen, behatz guztiak ahurraren gainean tolesturik eta uzkurturik, ahoa zabaldu zen (ezpainek bereiztean “Pp…” egin zuten, botila huts bati kortxoa kentzen zaionean bezala) eta ofizialak esan zuen –haren ahotsa inoiz baino sorragoa zen: –Gauza serioak esan behar dizkizuet. Nire iloba haren aurrean zegoen, baina burua makurtuta zeukan. Haril bateko artilaria behatzen inguruan biltzen ari zen, harila alfonbra gainean desegiten ari zen bitartean; zentzugabeko lan hori zen, nonbait, bere arreta ezabatuarekin egokitu zitekeen –eta lotsa eragotz ziezaiokeen– eginkizun bakarra. Ofiziala hitz egiten hasi zen berriro; hain nabarmena zen ahalegina, non bere bizitzaren ordainetan zela baitzirudien: –Azkeneko sei hilabete hauetan esan dudan guztia, gela honetako hormek entzun duten guztia… –arnasa hartu zuen, asmak jotako gaixo baten ahaleginez, bularra puztuta eduki zuen une batez…– hori dena… –arnasa hartu zuen– ahaztu ezazue”. Neskak eskuak bere gonaren magalean pausatu zituen poliki-poliki, eta han geratu ziren erorita eta bizirik gabe, hondarretan hondoa jotako txalupak balira bezala, eta geldiro-geldiro burua jaso zuen, eta orduan, orduan lehenengo aldiz –lehenengo aldiz– eskaini zion ofizialari bere begi zurbilen begirada. Hark esan zuen (ozta-ozta entzun nion): Oh welch'ein Licht!, xuxurla bat ere ez; eta, hain zuzen ere, haren begiek argi hura jasan ezin izan balute bezala, bere eskumuturraren atzean ezkutatu zituen. Bi segundo; gero eskua erortzen utzi zuen, baina betazalak jaitsita zeuzkan, eta hark eduki zuen handik aurrera begirada lurrean… Haren ezpainek “Pp…” egin zuten, eta honela esan zuen –ahotsa sor, sor, sorra zen–: –Garaileak ikusi nituen. Gero, segundo batzuen ondoren, are eta ahots apalago batez: –Haiekin hitz egin nuen. Eta azkenean, gelditasun mingots batez: –Barre egin zidaten. Begiak nireganantz jaso zituen, eta seriotasun handiz hiru bider egin zuen baietz buruaz ezari-ezarian. Begiak itxi ziren, eta gero: –“Ez zara ohartu engainatzen ari garela?”, esan zidaten. Horixe esan zidaten. Horixe. Wir prellen sie. “Ez duzu uste izango, bada, ergelaren moduan Frantziari gure mugetan bertan berriro bere onera etortzen utziko diogunik? Ezta?” Esan zidaten. Barre handiak egin zituzten. Bizkarreko alaiak ematen zizkidaten, nire aurpegia ikusita: “Gu ez gara musikariak!” Haren ahotsak, azkeneko hitz horiek esatean, mesprezu ilun bat adierazten zuen; ez dakit zer islatzen zuen: haiekiko zituen sentimenduak ala haien hitzen doinua. –Luzaro hitz egin nien, suhartasun handiz. “Tira! Tira!” egiten zidaten. Eta esaten zuten: “Politika ez da olerkariaren ametsa. Zertarako uste duzu egin dugula gerra? Beren Mariskal zahar horrengatik?”. Eta barre egiten zuten berriro: “Ez gara eroak, ez gara txepelak: badugu Frantzia suntsitzeko aukera, eta suntsitu egingo dugu. Ez Frantziaren indarra bakarrik: arima ere bai. Arima batez ere. Arima du arriskurik handiena. Eta horixe da orain dugun egitekoa: ez engainatu, adiskidea! Gure irribarreez eta sotilkeriez ustelduko dugu. Puta zikin amorratua bihurtuko dugu”. Isildu egin zen. Arnasestuka zirudien. Hainbesteko indarrez estutzen zituen masailezurrak non masailak irteten ikusten nizkion, eta zain bat, zizare bat bezain lodia eta okerra, lokiaren azpian taupaka. Bat-batean aurpegiko azal guztia mugitu zitzaion, lurrazpiko ikara gisako batean, haize bafada batek aintzira batean egiten duen bezala; egosten jarritako esnearen azalean gain gogortuzko mintza lehenengo burbuiletan bezala. Eta haren begiak nire ilobaren begi zurbil handituetara atxiki ziren, eta doinu apal, uniforme, sendo eta itogarri batean esan zuen, gelditasun abaildu batez: –Ez dago itxaropenik –eta ahots sorrago eta apalago, eta geldiago batez, jasan ezinezko egiaztapen hartaz bere burua torturatzeko bezala–: Ez dago itxaropenik. Ez dago itxaropenik –eta bat-batean, espero ez nuen ahots ozen eta indartsu batez, nire harridurarako, ahots argi eta ozen batez, turuta-kolpe baten moduan, oihu baten moduan–: Ez dago itxaropenik! Eta gero, isiltasuna. Barrez ari zela entzutea iruditu zitzaidan. Haren bekokiak, oinazeturik eta zimurturik, amarratzeko soka bat zirudien. Ezpainek dardara egin zioten; gaixo-ezpainak, sukartsu eta zurbil, aldi berean. –Errieta egin zidaten, nahiko haserre: “Zeuk ikusten duzu! Zeuk ikusten duzu zenbat maite dituzun! Horra arrisku handiena! Baina guk sendatuko dugu Europa izurri horretatik! Guk garbituko dugu pozoi horretatik!”. Eta dena esplikatu zidaten; ez, ez zidaten utzi ezeren ezjakinean egoten. Zuen idazleak lausengatzen dituzte, baina aldi berean, Belgikan, Holandan, gure soldaduek okupatzen dituzten herrialde guztietan, jarria dute hesia. Frantses liburu bat bera ere ezin da pasatu, argitalpen teknikoak, dioptriako eskuliburuak edo zementatzeko formula-bildumak salbu… Baina kultura orokorreko lanak, ezta bat bera ere. Bat ere ez! Haren begirada nire buruaren gainetik igaro zen, hegan, gelako zokoetan joz, galduta lebilen gautxori baten moduan. Azkenean bazirudien apalik ilunenetan aurkitu zuela babesa, Racine, Ronsard, Rousseau errenkan jarrita daudenean. Begiak han geratu zitzaizkion kateaturik, eta ahotsak intzirizko bortxa batez ekin zion berriro: –Ezer ez, ezer ez, inor ez! –eta oraindik ulertu ez bagenu bezala, mehatxua zein ikaragarria zen neurtu ez bagenu bezala–: Ez zuen idazle modernoak bakarrik! Ez zuen Péguy, Proust, Bergson bakarrik… Gainerako guztiak ere bai! Horiek denak! Denak! Denak! Denak! Haren begiradak berriro igaro zituen argilunetan distira bigun bat egiten zuten liburu-bizkarrak, etsimenezko laztan bat egin nahiz bezala. –Erabat itzaliko dute garra! –esan zuen oihuz–. Argi horrek ez du argituko Europa! Eta haren ahots sakon eta baxuak bularraren sakoneraino dardararazi zidan, ustekabeko eta bahigarri, azkeneko silaba deitore dardaratsu baten moduan luzatzen zuen oihua: –Nevermore! Berriro jausi zen isiltasuna. Berriro, baina, ai zenbatez ilunago eta tenkago oraingo honetan! Bai, lehenagoko isilaldietan ere sentitzen nuen –itsasoan, uraren azal barearen azpian piztien borroka bezala– ezkutuko sentimenduen, ukatzen diren eta borrokan diharduten desiren eta gogoeten itsaspeko bizitza irakiten. Haren azpian, berriz, ai!, itomen izugarri bat baizik ez… Ahotsak eten zuen azkenik isilune hura. Gozoa eta dohakabea zen. –Nik banuen adiskide bat. Anaia bezala nuen. Elkarrekin ikasi genuen. Gela berean bizi ginen Stuttgarten. Hiru hilabete igaro genituen elkarrekin Nurenbergen. Elkarrekin ez bazen ez genuen ezer egiten: haren aurrean jotzen nuen nire musika; hark bere olerkiak irakurtzen zizkidan. Sentibera eta erromantikoa zen. Baina alde egin zidan. Munichera joan zen bere olerkiak lagun berrien aurrean irakurtzera. Hark idazten zidan behin eta berriro haiekin elkartzera joateko. Hura ikusi nuen Parisen, bere lagunekin. Eta zer bihurtu duten ikusi nuen! Geldiro-geldiro mugitu zuen burua, eskariren bati uko samingarriren batez erantzun beharko balio bezala. –Bera zen itsuena! Amorrua eta barrea, biak batera nahasten zituen. Berdin begiratzen zidan suharki eta oihu egiten zidan: “Pozoia da! Pozoi guztia kendu behar zaio piztiari!”. Edo berdin hasten zitzaidan sabelean bere hatz erakusleaz kolpetxoak ematen: “Orain beldurrak akabatzen daude, jakina!, orain beldur dira beren poltsikoagatik eta beren sabelagatik; beren industriagatik eta beren merkataritzagatik! Horixe beste ezer ez dute gogoan! Bestelako bakanak, lausengatu eta lokarrarazi egiten ditugu, ja, ja!… Erraza izango da!”. Barre egiten zuen eta aurpegia gorri-gorri jartzen zitzaion: “Dilista-plater baten truke erosten diegu arima!”. Wernerrek arnasa hartu zuen: –Nik esaten nien: “Neurtu al duzue zer ari zareten egiten? NEURTU al duzue?”. Hark esan zuen: “Horrek beldurtu egingo gaituela uste duzu? Beste trenpu bateko argitasuna dugu guk!”. Nik esan nion: “Hortaz, zuek itxi behar duzue hilobi hau?… betirako?”. Eta hark: “Bizi ala hil, hori da kontua. Konkistatzeko, Indarra aski da: nagusi izateko ez. Badakigu oso ondo gudarostea ez dela ezer, nagusi izateko”. “Baina Espiritua galduz! –esan nien oihuka–. “Espiritua galduz ez!”. –“Espiritua ez da hiltzen –esan zuen hark–. Ez du lehenengo aldia. Errautsetatik berriro jaiotzen da. Guk mila urterako eraiki behar dugu: horretarako eraitsi egin behar da lehendabizi”. Nik begiratu egiten nion. Bere begi argien barreneraino begiratzen nion. Zinez ari zen, bai. Horixe da ikaragarriena. Begiak handi-handi zabaldu zitzaizkion, hilketa higuingarriren baten ikuskariari begira bezala: –Egin egingo dute esaten dutena! –egin zuen oihu, guk sinetsi ezin izango bagenio bezala–. Metodikoki eta temaz! Ezagutzen ditut nik deabru amorratu horiek! Burua astindu zuen, belarriak min ematen dion zakur baten moduan. Marmar bat igaro zitzaion hortz estutuen artetik, maitale engainatuaren “oi” adiakari eta bortitza. Mugitu gabe zegoen. Zirkinik egin gabe, denbora guztian, zurrun eta zuzen ateartean, besoak luzaturik, berunezko eskuak garraiatu beharko balituzte bezala; eta zurbil –ez argizaria bezala, hondoa jotako horma batzuetako igeltsua bezala baizik: gris, kresalezko orban zuriagoekin. Soina geldiro makurtzen ikusi nuen. Esku bat jaso zuen. Ahurraz behera, behatzak okertu samar, nire ilobarenganantz, nireganantz luzatu zuen. Estutu egin zuen, pixka batez astindu zuen, bere aurpegiaren espresioa indar basati moduko batez tinkatzen zela. Ezpainak zerbait zabaldu zitzaizkion, eta ez dakit zer aholku ematera zihoakigula iruditu zitzaidan: iruditu zitzaidan –bai, iruditu zitzaidan–, matxinatzera animatu behar gintuela. Baina ez zen hitz bat atera haren ezpainetatik. Ahoa itxi zen, eta begiak berriro. Zutitu egin zen. Eskuak gorputzean gora igo ziren, aurpegiaren parean ezin ulertuzko maniobra bati ekin zioten; Javako erlijiozko dantzetako irudi batzuen modura. Gero lokiei eta bekokiari heldu zien, betazalak behatz txiki luzatuez zanpatuz. –Eta esan zidaten: “Eskubidea dugu eta gure eginbeharra da”. Gure eginbeharra! Zorionekoa bere eginbeharraren bidea horren ziurtasun sinpleaz aurkitzen duena! Eskuak berriro erori zitzaizkion. –Bidegurutzean esaten dizute: “Jo bide honetatik” –burua astindu zuen–. Ba, bide honek ez dirudi gailurretako goratasun argitsuetarantz igotzen denik, haran ilun baterantz jaisten dela dirudi, baso goibel bateko kirats-ilunpeetan ondoratzen dela!… Ai, ene Jainkoa! Erakuts iezadazu non dagoen NIRE eginbeharra! Eta esan zuen –oihu egin zuen ia: –Munduak Espirituaren kontra daraman Borroka da, Gudu Handia! Finkotasun mingarri batez begiratzen zion leiho gainean eskulpituta zegoen zurezko aingeruari, aingeru estasiatu eta irribarretsu, argitsu eta baretasun zerutiarrekoari. Bat-batean espresioa baretu egin zitzaiola zirudien. Gorputzak zurruntasuna galdu zuen. Aurpegia lurrerantz makurtu zitzaion pixka bat. Berriro jaso zuen. –Nire eskubideak baliarazi ditut –esan zuen, normal–. Kanpainan dagoen dibisio batera bidaltzeko eskatu dut. Eta azkenean egin egin didate mesede hori: bihartik, baimena dut abiatzeko. Haren ezpainetan irribarre-mamu bat hegan ikustea iruditu zitzaidan, zehaztu zuenean: –Infernurantz abiatzeko. Besoa Ekialderantz altxatu zitzaion –etorkizuneko garia hilotzez elikatuko den ordeka mugagabe haietarantz. Pentsatu nuen: “Men egin du, beraz. Horra zer dakiten egiten. Men egiten dute denek. Baita gizon honek ere”. Nire ilobaren aurpegiak atsekabea eman zidan. Ilargiaren pareko zurbiltasuna zuen. Ezpainak, opalinazko ontzi baten ertzen modukoak, bereizirik zituen, greziar maskaren imintzio tragikoa zirrimarratzen zuten. Eta bekokiaren eta ilearen mugan, izerdizko perlak ikusi nizkion, ez jaiotzen, ernetzen baizik –ernetzen, bai. Ez dakit Werner von Ebrennac-ek ikusi zituen. Haren begi-niniak, eta neskarenak, urlasterrean txalupa ubazterreko zirgiloari lotzen zaion bezala, hain hari mehe, hain tinkatu batez ziruditen elkarri lotuak, non bat ez baitzatekeen ausartuko haien begien artetik behatz bat pasaraztera. Ebrennac-ek atearen eskutokiari heltzen zion esku batez. Besteaz markoari heltzen zion. Begirada arrastotxo bat ere mugitu gabe, atea bereganantz erakarri zuen geldiro. Eta esan zuen; ahotsa espresio oroz biluzturik zuen: –Gabon izan dezazuela. Atea itxi eta alde egingo zuela iruditu zitzaidan. Ez, ordea. Nire ilobari begiratzen zion. Begiratu egiten zion. Eta esan zuen –xuxurlatu zuen–: –Agur. Ez zen mugitu. Geldirik zegoen erabat, eta haren aurpegi geldi eta tinkatuan, begiak are geldiago eta tinkatuago zeuden, nire ilobaren begi zabalduegiei, zurbilegiei, loturik. Horrek iraun zuen, iraun zuen –zenbat denbora?–, neskak azkenean ezpainak mugitu zituen arte iraun zuen. Wernerren begiek distira egin zuten. –Agur –entzun nuen. Hitz horren zelatan egon beharra zegoen, entzungo bazen, baina entzun nuen azkenean. Von Ebrennac-ek ere entzun zuen, eta tentetu zen, eta haren aurpegiak eta haren gorputzak lasaitu egiten zirela ziruditen, bainu atsedengarri baten ondoren bezala. Eta irribarre egin zuen; hala irudi irribarretsu bat izan zen harengandik izan nuen azkena. Eta atea itxi zen eta haren pausoak etxe barrenean galdu ziren. Biharamun goizean goizeroko katilukada esnea hartzera jaitsi nintzenerako alde egina zen. Ilobak gosaria prest zeukan, egunero bezala. Isilik atera zidan. Isilik edan genuen. Kanpoan eguzki zurbil batek distiratzen zuen lainotan. Oso hotz egiten zuela iruditu zitzaidan. 1941 urria EGUN HARTAN Muttikoak harritu gabe jarri zuen bere eskutxoa aitarenean. Aspaldiko partez, nolanahi ere ere, iruditzen zitzaion. Lorategitik atera ziren. Amak jeranio-ontzi bat jarria zuen sukaldeko leihoan, aita ateratzen zenean beti ohi zuen bezala. Gauza bitxi samarra zen. Giro ona egiten zuen; baziren lainoak, baina nahasiak eta listuak; ez zuten begiratzeko gogorik ematen. Hortaz, muttikoak bere oinetakotxoen muturrei begiratzen zien, bideko harri xeheak aurrean nola botaten zituzten. Aitak ez zuen ezer esaten. Normalean haserretu egiten zen zarata hura entzuten zuenean. “Jaso hanka horiek!” esan ohi zion, eta muttikoak hankak jasotzen zituen, une batez, eta gero maltzurki arrastaka eramaten hasten zen berriro poliki-poliki, nahita, pixka bat, ez zekien zergatik. Oraingo honetan, ordea, aitak ez zuen ezer esan, eta muttikoak oinetako-zolak tarraska eramateari utzi zion. Lurrera begira jarraitu zuen: aitak ezer ez esateak kezka eragiten zion. Bidea zuhaitz artetik sartu zen. Gehienak hostorik gabe zeuden oraindik. Batzuk, berdetzen hasita; berde-kolore garbi eta argi batezko hostotxoak. Azukre-dasta pixka bat ez ote zuten ere pentsa zitekeen. Aurrerago bidea okertu egiten zen, Bista Ederra ikusiko zuten, Grésivaudan haranaren gainean, zuzen amiltzen den harkaitza, eta han behe-behean zuhaitz txiki-txikiak, etxe txiki-txikiak, errepideak urratu arinak balira bezala, eta Isère ibaia, sigi-sagan, gandu arin-arin baten azpian. Gelditu eta begiratu egingo zuten. Aitak esango zuen: “Begiratu trentxoa”, edota “Ikusten errepidean mugitzen ari den puntu beltz hura? Auto bat da. Jendea dago barruan. Lau pertsona, andre dotore bat txakurtxo batekin, eta gizon bizar-luze bat”. Muttikoak esango zion: “Baina nola ikusten dituzu?” –“Ezkerreko begian kataleju txiki bat txertatu zidaten, badakizu –esango zion aitak–. Begira –esango zion begia ahal zuen guztia zabalduz–, ez duzu ikusten?”. Eta muttikoak, egia den ala ez den den oso seguru ez dagoenez: “Bueno… ondo-ondo ez…”. Bazitekeen une horretan aitak barre egitea eta muttikoa bizkarrean hartzea, arrelepo. Aitak, ordea, arreta gabe begiratu zuen Bista Ederrera, eta ez zen gelditu ere egin. Mutikoaren eskutxoa berean ongi estututa zeukan. Halako moduan non, aurreraxeago, arroilaren ertzak gora eta behera egiten duen lekutik gertu igarotzean, muttikoak ezin izan baitzuen aitaren eskutik askatu, maldatxoa igotzeko, esanez: “Begira, aita, handitzen ari naiz… handitzen… handitzen… Begira, zu baino handiagoa naiz… eta orain txikitzen ari naiz… txikitzen ari naiz…”. Pixka bat amorratu egin zuen horrek, errituetara oso atxikia baitzen. Beste pasieren berdin-berdina ez zen pasiera bat ari zen bihurtzen hura. Aurreraxeago harri karratuko harkaitza zegoen. Normalean eseri egiten ziren han. Oraingo honetan ere eseriko ote ziren bururatu zitzaion. Harri karratuko harkaitza geroz eta hurbilago zegoen, eta muttikoa bere buruari galdezka ari zen ea eseriko ziren. Han eseriko ez ote ziren beldur pixka bat zuen. Beldur pixka-pixka bat, egiaz, benetako beldurra. Hurbil-hurbilera iritsi zirenean, aitari tira egin zion poliki-poliki eskutik. Eskerrak aitak tira egiten utzi zion eta eseri egin ziren. Ez zuten ezer esan, baina askotan egoten zen aita, harri hartan eserita, ezer esan gabe. Batzuetan (oso bero egiten zuenean): “Ufa! Bai on egiten duela honek”. Gaur ez zuen oso bero egiten. Normala ez zen gauza bakarra aitak eskutxoa behin ere ez uztea zen. Hemen aitak askatu egiten zion normalean eskua, eta muttikoa, eserita luzaro egoterik gustatzen ez zitzaionez, zuhaitzen azpira joaten zen, pinaburu bila. Batzuetan marrubi bila ere bai, baina marrubiak ez ziren sarri izaten. Eserita geratu ziren, eta muttikoa ez zen mugitzen. Areago, arreta jartzen zuen hankak ez kulunkatzeko. Zergatik? Ez zekien; aitak eskutik horrela heltzen ziolako. Ezin zuen pentsatu ere –ez zuen pentsatu nahi ere pinaburuetan, marrubietan. Marrubirik ez zen izango gainera, seguru asko, eta, pinaburuak, ba, pinaburuak ez dira hain dibertigarriak. Baina, mugitu gabez, beldur pixka bat sartu zitzaion berriro. Ez asko, pixka bat besterik ez, pixkatxo txiki-txiki bat, ohean zaudenean eta ilunpetan gauzak kirrinka egiten entzuten dituzunean bezala, baina aita eta ama beren gelan hizketan ere entzuten direla. Pozik zegoen aitak eskutik heltzen ziolako, hala beldur gutxiago izaten delako, baina beldurra hain zuzen ere aitak eskutik heltzen ziolako zuenez… ba, hura bezalako ibilaldietan lehenengo aldiz, gustura itzuliko zatekeen muttikoa berriro etxera. Aitak entzun izan balio bezala, jaiki zen, muttikoa jaiki zen, etxera itzuliko ziren ala beste egunetan bezala Grisonne gaineko zubitxoraino joango ote ziren pentsatuz. Ez zekien oso ongi zer zuen nahiago. Zubitxorantz jo zuten, hainbat hobeto, hortaz. Zubitxoaren gainetik errekari begira egon ziren (aitak errekasto esaten zuen), hazi azukregorritu handiak ziruditen harrien artean gurguraka nola zihoan ikusten. Behin aitak zorro bat ekarri zion horrelako harritxoz beteta, eta gozokiak ziren. Aspaldi izan zen hori, Eguberria baino lehen, ez zen ongi gogoratzen ere. Nolanahi ere, harrezkero ez zen inoiz gozokirik izan, eta ikaragarri gustatzen zitzaion errekako harriei begira egotea, esango litzateke begietan atsegina ematen ziola, gozokiek mingainean ematen zioten bezala. Aitak esan zuen: –Noiztik ote doa joanean ur hau… Muttikoari bitxia iruditu zitzaion hori. Jakina aspalditik zihoan, noski. Lehenengo aldiz etorri zirenean ere bazihoan. Bestalde, ez zuketen zubirik egingo, gainera, urik izan ez balitz. –Eta zure muttikotxoak bizar zuri luze-luzea duenean –esan zuen aitak–, orduan ere joanean jarraituko du. Inoiz ez dio utziko joateari –esan zuen aitak, urari begiratuz–. Gogoeta kontsolagarria da –jarraitu zuen esanez aitak, baina, bistan zegoen, hori ez zen bere muttikoarentzat, beretzat zen hori. Oso-oso luzaro egon ziren urari begira, eta ondoren itzuli egin ziren azkenean. Trikuaren bidea hartu zuten; behin bide hartan triku bat topatu zutenez gero deitzen zion horrela muttikoak. Piko samarra zen. Egurrezko iturriaren aurretik igaro behar zen; haritz-enbor barne-hustu batez egindako aska batean hain ur garbizko haria erortzen da han, hain kristal soilezko kantuarekin, non ikusi hutsak egarria ematen baitu. Baina ez zuen oso bero egiten. Gorenean bidezidorra zertxobait biratzen zen, eta muinoaren beste aldetik jaisten zen. Gorenetik etxea ikusiko zen. Oso ongi ikusten zen. Ongien ikusten zena sukaldeko leihoa zen, jeranio-ontzia, dena gorri eta laranja-kolorea, eguzkitan zela, eta ama atzean zegoen baina ez zen ikusten. Baina aita nekatuta zegoen, nonbait, zeren eseri egin baitzen goraino iritsi baino lehen. Normalean inoiz ez zen esertzen zuhaitz-enbor hartan. Eseri zen eta bere belaun artera erakarri zuen bere muttikoa. Esan zion: “Ez zaude nekatuta?”. – “Ez” esan zion muttikoak. Aitak irribarre egiten zuen, baina ahoaren alde batekin bakarrik. Ilea, masaila laztantzen zizkion. Arnasa sakon-sakona hartu zuen, eta esan zuen: “Oso-oso txintxo portatu behar duzu amarekin”, eta muttikoak baiezko keinua egin zion buruaz, baina ez zuen asmatu zer esan. “Mutiko jatorra”, gehitu zuen aitak, eta altxatu egin zen. Muttikoari galtzarbeetatik heldu eta aurpegiaren pareraino jaso zuen, eta bi musu eman zizkion bi masailetan, berriro lurrean utzi zuen eta ahots irmoz esan zion: “Goazen!”. Eta bideari heldu zioten berriro. Goraino iritsi ziren, eta baratzeko horma, bi alertzeak, etxea, sukaldeko leihoa ikusi zituzten. Jeranio-ontzia… ez zegoen. Muttikoak segituan ikusi zuen jeranio-ontzia ez zegoela sukaldeko leihoan. Aitak ere bai, seguru. Zeren gelditu egin baitzen, eskutxoari inoiz baino estuago helduz, eta esan zuen: “Hara, bai nik esan”. Geldirik zegoen, begira eta begira, behin eta berriro errepikatuz: “Jaungoikoa, nola egin dut baina?… banekien-eta… banekien-eta…”. Muttikoak gustura galdetuko ziokeen zer, baina ezin zuen, aitak gogor-gogor heltzen zion-eta eskutik. Eta goragalea etortzen hasi zitzaion, gaztaina-pure gehiegi jan zuen hartan bezala. Orduan aitak esan zion: “Zatoz”, eta jaitsi ordez, etorritako bidetik jo zuten berriro, bizkor-bizkor. “Nora goaz, aita? Nora goaz?”, esaten zion muttikoak, eta goragalea zuen, gaztaina-purearen egun hartan bezala. –Bufferand andrearenera –esan zion aitak. Oso ahots bitxia zuen, postariak auto batek jo eta bizikletatik erori zen egun hartan zuen bezalakoa–. Oso txintxoa da –esan zuen aitak–, ezagutzen duzu, haren etxean geratuko zara lotan. Muttikoak gustura galdetuko ziokeen zergatik, baina aitak gogor –gogorregi– estutzen zion eskua, ezin zion galdetu. Bazitekeen horregatik izatea, baina geroz eta goragale handiagoa zuen. Hainbesteraino non lurrean etzan nahiko zukeen, gaztaina-purearen egunean bezala, baina aitak hain estu heltzen zion eskutik, eta bizkorregi zihoazen hala ere, eta orain goragalea zuen, sabelean eta denean, soinean, hanketan, hanketan zorabioa duzula esatea tontakeria bat ez bada. Bufferand andreak –oso zaharra eta zimurrez betea zen–, biak ikusi zituenean, besoak bularrean tolestu zituen eta esan zuen: “Ai ene, ai ene!…”. Aitak esan zuen: “Ba, bai; horra”, eta sartu egin ziren. Eta orduan, kanela-usaineko egongelatxoan sartu zirenean, muttikoak ezin izan zion eutsi eta alfonbra gainean etzan zen. Ez zuen oso ongi ulertu zer ari ziren esaten. Ilunegi zegoen entzun ahal izateko. Bufferand andreak hitz egin eta hitz egin egiten zuen, ahots mehe, erlastu batez; berak amets batean bezala entzuten zion. Aitak muttikoa jaso eta ohe batera eraman zuen. Luzaro laztandu zion ilea, eta besarkada estu eta luze bat eman zion, gauetan ohi zuena baino estuagoa eta luzeagoa. Eta gero Bufferand andreak maleta bat eman zion, eta berak Bufferand andrea besarkatu zuen, eta irten egin zen. Eta Bufferand andrea muttikoa zaintzera joan zen, zapi busti bat jarri zion buruan; kamamila prestatu zion. Garbi ikusi zuen andrea negarrez ari zela; malkoak isuri ahala xukatu egiten zituen, baina ikusi egiten zen hala ere. * * * Biharamunean kubo batzuekin jolasean ari zen, Bufferand andrea jangelan hizketan ari zela entzun zuen. Paparrekoa eta kapela lumaduna zituen gizon baten erretratua osatu behar zen kuboez. Begia eta kapela falta zituen oraindik. Muttikoa jaiki eta sarraila-zuloaren kontra jarri zuen belarria, hanka-puntetan zutik jarriz gero, belarriaren pare-parean baitzegoen. Ez zuen ongi ulertzen, emakumeek ez baitzuten oso ozen hitz egiten; xuxurlaka ari ziren. Bufferand andreak geltokia aipatzen zuen. “Bai, esaten zuen, bai, bera ere bai: konpartimenturen batean emaztea ikusten ahalegintzen ari zen, eta ezagutu egin dute”. “Jaungoikoa –esan zuen beste emakumeak–, ezin zion, bada, bere buruari galarazi…” “Ez –esan zuen Bufferand andreak–, ezin izan du, nork ahal izango zukeen? ‘Nire errua izan da, nire errua izan da!’ errepikatzen zuen denbora guztian”. Eta gero berari buruz hitz egin zuten, muttikoari buruz. “Eskerrak –esaten zuen emakumeak–, eskerrak Bufferand andrea han zegoen”. Bufferand andreak hitz batzuk erantzun zituen, baina zerbaitek bustitzen zuen haren xuxurla eta ezin zen ulertu. Muttikoa bere kubo-jolasera itzuli zen berriro. Lurrean eseri eta begi bat ageri zen kuboaren bila hasi zen. Negar egiten zuen isilik, malkoak zerizkion eta ezin zien eutsi. Begia zuen kuboa aurkitu zuen eta bere lekuan jarri zuen. Kapelarena errazagoa zen. Ahaleginean zaratarik egin gabe xurgatzen zituen mukiak, malkoetako bat ezpain ertzeraino irristatu zitzaion, mingain-kolpe batez bildu zuen, gazia zen. Luma zen zailena, ez zegoen jakiterik zuzen ala azpikoz gora zegoen. Malko bat, lumaren gainera erorita, irristatu egin zen, zalantzan, eta hantxe geratu zen zintzilik, ihintz-tanta bat bezala. AMETSA Ez al zaitu horrek inoiz atsekabetu? Zorion-egunetan, eguzkitan hondar beroan etzanik, edo Borgoinako ardo sendo batek bustitako kapoi baten aurrean, edota kafe on baten usaina darion “kafe huts” baten inguruan solasaldi gogo-pizgarri eta aske horietako baten bizitasunean, gozamen soil horiek horren gauza normalak ez zirela pentsatzea gertatzen zitzaizunean. Eta zeure burua Indietan edo beste nonbait koleraz hiltzen ari zen jendea gogoratzera behartzen zenuenean. Edota Txinako erdialdean herri osoka goseak hiltzen ziren biztanleak; eta japoniarrek masakratzen edo torturatzen zituzten eta beren egunak lokomotora baten labean bukatzera bidaltzen zituzten beste asko. Ez al zintuen atsekabetzen haiei gogapen bat baizik ezin eskaini izanak –gogapena ere ba al zen, bada?–. Imajinazio lauso bat baino gehiago ba ote zen? Eguzkiaren berotasun gozo hau, Borgoinako ardoaren usaina, eztabaidaren kilika baino nahikoz mami gutxiagoko irudipena. Baina hori guztia bazen nonbait, bazenekien, frogak ere bazenituen: zalantzan jarri ezineko kontaketak, argazkiak. Bazenekien eta inoiz edo behin saiatu ere saiatzen zinen errebolta intelektual soil bat baino zertxobait gehiago sentitzen, “partekatzeko” ahaleginak egiten. Alferrik zen. Zeure azalaren barruan itxirik sentitzen zinen, bagoi beruneztatu batean bezala. Ezin atera handik. Horrek atsekabetu egiten zintuen batzuetan, eta aitzakiak bilatzen zenituen. “Urrutiegi”, pentsatzen zenuen. Gauza horiek Europan gertatu izan balira, gutxienez! Baina iritsi ziren hona ere: Espainian lehendabizi, gure muga-mugan. Eta gehiago kezkatu zuten zure gogoa. Baita bihotza ere. Baina “sentitu”, “partekatu” esaten dena… Zure txokolatearen usainak, goizean, kruasan egin berriaren dastak, zenbatez presentzia biziagoa… Frantziara mugatu zinen, Parisa, esan ohi den beste hura bezala: Marne ibaian, Senan, Loiran egingo dugu borroka guk… Berehala zeure lagunei gertatu zitzaien; preso eraman zituztela, edo deportatu egin zituztela edo hil egin zituztela jakinarazten zizuten egun oro… Saminki sentitzen zenituen kolpe anker horiek. Baina zer gehiago? Zure leihorik gabeko bagoian geratzen zinen itxita, giltzari bi bira emanda. Eta kaleko eguzkiak, logela bateko epeltasunak, merkatu beltzeko urdaiazpiko argalak askoz presentzia errealagoa zuten zuretzat nonbait hankak eta eskuak erretzen ari zitzaizkien haien agoniako oihuek baino. Gertatu izan zait, hala ere, bakartasun zital horretatik ateratzea. Imajinazioak, esnatuta gaudenean indargabea bada ere, mirarizko ahalmena izaten du lotan gaudenean. Imajinazioak? Ikusteak. Dei diezaiogun horrela, nahi baduzue. Nik bestelako iritzia dut gai horri buruz. Ikusi izan ditut ametsetan ez imajinazioak ez bizitza inkontzienteak esplika ezin ditzaketen gauza bitxiak. Nik amesten nituen unean handik hainbat miliara gertatzen ari zirenak. Frogarik ez da, jakina; horrelako gaietan inoiz ez da izaten frogarik. Baina zenbait zirkunstatziatan lotan bizi izan dudanak nahikoa eta sobera frogatzen dit badela halako kontzientzia lauso zabal bat, halako kontzientzia unibertsal bat, hor nonbait dilindan dabilena, zenbaitetan, horretarako egoki diren gau batzuetan, ametsetan partaide egiten gaituena. Gau horietan egiaz ateratzen gara bagoi beruneztatutik, eta gai izaten gara, azkenik, ezpondaz harago ikusteko… * * * Gau horietako batean landa biluzi batean zehar nindoan. Nekez nenbilen. Zerua beheregi zegoen, zatika zintzilik, lurrean arrastaka zihoazen eta laharretan kateatzen ziren gazazko lits zirtzikatutan. Lits haien artean bide bila nenbilen, barnetik ez igarotzen saiatuz, zeren bestela, laino opako batean berehalaxe galdu ez ezik, erresistentzia astun baten moduan sentitzen baitzen haien loditasuna. Bultzaka eraman behar nituen aurrean, damasko zurbilezko errezel astunak bailiran jaso. Akitzen ari nintzen eta ozta aurrera egiten nuen. Lurra beltza zen. Bustia eta afoa. Pausoak markatuta geratzen ziren, sakonunetxo arin batez hasieran, eta sakonunetxo hori goroldio errezko eta egur ustelduzko hondarrak igerian zeuden kedar-koloreko urez betetzen zen segituan. Usain bitxi bat zegoen; ez zen humusarena edo ustelarena, zorne- eta izerdi-usaina zerion nahastura batena baizik. Nazka eta larritasuna eragiten zidan. Nekez nindoan, eta berriro neure oinatzak topatzen hasia nintzen. Biribilean ote nenbilen, bada? Urruntzen, noranzko zuzen bati jarraitzen ahalegindu nintzen. Baina neure oinatzak aurkitzen nituen berriro, geroz eta hurbilago. Berehalaxe lokatz beltz, izoztu batean gelditu nintzen, oinatzak elkarrekin nahasten zirela, milaka gizonek egin izan balituzte bezala. Baina bakarrik nengoen, egon. Iruditzen zitzaidan mendeetako bakardade bat neramala arrastaka. Bakardade hura beharbada hautsi zezakeenik, oroitzapen bat baizik ez nuen: hara iritsi baino lehen, ibairen bat igaro behar izan nuela, inondik ere. Eta bi beltxarga, bi beltxarga beltz hegaldatu zirela, nik uste, ni hurbiltzean. Ez nintzen ongi gogoratzen, baina gogoan nuen haien itzal erraldoia, nire buruaren gainetik igarotzen ari zirenean. Gogoan nuen haien hegadaren hotsa, haizearen hotsa haien lumetan, eta ufa izoztua nire bekokian. Oroitzapen horrek ere larrimina eragiten zidan. Ez dakit noiz ohartu nintzen ez nengoela bakarrik. Norbait zihoan aurrerago. Bizkorrago ibili nahi nuen, irudi iheskor hura harrapatu. Behin ere ez nuen ikusten zehazki, beti zen laino-mihiren bat edo beste bion artean. Aldika dena ezabatzen zen, eta hutsune lazgarri bat uzten zidan bihotzean. Gero berriro ikusten nuen, kulunkari eta baldar samar, grisaxka eta isil. Ia bat-batean, nire ondoan zegoen. Niregandik gertu zihoan, nire pauso berean, motel eta hotsik egin gabe. Gizon baten gorputza zela ohartu nintzen, ikaragarri argala. Aurpegia zurbila eta karratua zuen, irribarre bitxia. Haren besoak esku hezurtsu luze bat luzatu zuen nire aurrean, zerbait adierazteko bezala. –Ez dut ikusten –esan nion. Ez nintzen ezezagun bati hitz egiten ari. Esan nahi dut ez zela ezezaguna niretzat, une horretan. Ongi ezagutzen genuen elkar, eta era guztietako oroitzapenek lotzen gintuzten elkarrekin. Horregatik galdetu nion: –Zer erakutsi nahi didazu? Ez dut ezer ikusten. Ez zidan erantzun, baina bere esku zargaldua astindu zuen, behatz erakuslea luzatuz, urduri samar. –Erantzun iezadazu, bada –esan nion oihuz. Orduan nireganantz biratu zuen bere aurpegi bitxi irribarretsua, masail-puztua, suntsitua. Ahoa zabaldu zuen, eta mingain bihurritu izugarri hura ikusi nion, zurrundua, beltza eta zartatua, barakuilu egosi baten gisa kiribilkatua. Eta orduan gogoratu nintzen, baietz, burdin goriaz erre ziotela. Dardaraz ikusten nion, mokoka egin nahi duen antzara batenaren moduan. Hitz egiteko azken ahalegin hori patetikoa eta ezin jasanezkoa zen. Ez errukiak eta amorruak ezin gaindi zezaketen halako higuin gisako batez bete ninduen. Biratu nintzen, eta nire ezkerretik geldiro-geldiro igarotzen ari ziren bi giza irudi hartu nahi izan nituen lekukotzat, baina gizon haien itxurak arnasa moztu zidan. Hain zargaldurik zeuden non ez bainuen ulertzen nondik ateratzen zuten zeramaten zamari eusteko indarra: bizkarra urratzen zien T baten itxurako burdina ikaragarri bat, zimurra eta herdoildua. Isilik zihoazen, gelditasun zalantzati eta makabro batez, eta arnasa baizik ez nien entzuten, zotin eten baten moduan. Lehenengoak aurrerantz makurtzen zuen burua; haren burezurrak demasekoa zirudien azala hezurrari itsasten zitzaion aurpegiaren gainean. Garondoan sakonune bat zuen, bi zainen artean; eskumuturra osorik sar zitekeen hartan. Ile motz, beltzak tindu hauskara bat zuen hartuta. Han eta hemen izerdiak buruari itsasten zuen, beste leku batzuetan azala baizik ez zitzaiosn geratzen, soilgune bat bezala; eta haietan tortikak, batzuk odoletan. Laguna txikiagoa zen. Burdinak pisu handiagoa zuen haren bizkarrean eta gogorkiago mailatzen zion. Aurpegia mila zimurtxoz estalita zeukan, haurren globo erdi-hustu baten antzera. Azala, errautsaren kolorekoa. Begiak hain kanporatuta, non bilar-bolen moduan biratu behar zutela baitziruditen, eta zuria, urratua erabat. Belarrietako bat burezurretik erdi-askaturik zeukala ere ikusi nion, hartatik bi ezpain zimurtu eta zornaturen artetik igarotzen zitzaion arrakala odoltsu batek bereizirik. Itzalak balira bezala igaro ziren biak, baina beste batzuk zetozkien atzetik. Oinek ehun kilo pisatzen zutela iruditu zitzaidan, eta ezerk ez nindukeen behartuko pauso bat egitera. Gorputz-soin erdi-biluzi bat ikusi nuen, piltzar batzuen azpian; saihetsak hauspo baten moduan goratzen eta beheratzen ziren, eta sabelaren azpian –desagertua zirudien, hain baitzegoen hutsik–, ahaleginak gerria puzten zion, eta, pauso bakoitzeko, gantz bigun kezkagarriak ikusten ziren mugitzen piltzarren azpian. Gorputza oraindik ere gizena eta zuria, baina besoak eta hankak dagoeneko eskeletikoak eta more-kolorekoak zituen gizon bat ikusi nuen. Haren begiak zurbilak eta itsuak bezalakoak ziren, tinta-koloreko begi-uztaiaren barruan, eta ni hotzak hezurretaraino izozten baninduen ere, haren ilea, haren alkandora izerdiak itsatsita zeuden. Beste batek ia normala zela eman zezakeen, sudurra, lokiak, belarriak hostoen zainen gisako zain gogortuz estalita ez baleuzka. Sudur-zulo bat, hanpatu samarra, modu bitxi batean zeukan handiturik, gauean sagu batek marraskatu izan balio bezala. Beste baten lepauztaiek zulo sakonak eratzen zituzten; izter artean biraka eroria zirudien sabel ikaragarri bat zeraman aurrean neke handiz bultzaka. Beste batek hain handiturik zeramatzan gongoilak galtzarbean, non esango bailitzateke erraien modura zabaldurik zeuzkala epidermisaren azpian. Denek zuten azala bitxia, esne mindua edo lurrez zikindutako argizaria bezalakoa, legenez, urratuz, pikortaz zanbrotua, organismoak erreboltatu, oihu gorri haien edo intziri zurixka haien bidez protesta egin, entzunarazi nahi izan balu bezala. Zer adin zuten? Ezin asmatu. Era guztietakoak, inondik ere, baina nola jakin? Lehen ikusian “zaharrak, oso zaharrak” esango nukeen, baina segituan zuzenduko nukeen. Baziren oso gazteak ere, zalantzarik seguru. Ikusten ari naiz, oraindik ere, lainoetatik irteten, aurpegi hunkigarri hura… Ezpain mehe haiek, hauskorrak, hortz txikitxo zuri-zurien gainean –asko, faltan– oinazez erdi-zabaldurik. Eta inguru guztian, zinkaren koloreko azal hura, nekazari zahar batenaren gisa pitzatua… Hiru zimur sakon haiek, gainera ile horizko kizkur gozoak jausten zirela… Eta begi handitu haiek, aspaldidanik erabilitako zetazko paper samur bat bezala zimurtutako betazal arreetan hondoratuak. Beste batek bekokia zuri-zuri eta leun-leun zuen oraindik, hamasei urterekin baizik izan ohi ez den bezala. Baina, haren azpian, ezin konprenituzko hondamendi bat pairatua zirudien aurpegiak. Begiek nini sukartsu bat baizik ez zuten agerian, zauri baten moduko konjuntiba gorri batean itorik. Ahoa, bizirik gabe, sudurretik kokotsera masailak ebakitzen zituzten bi parentesi handituen artean hondoratzen zen. Baina lepoa, neskato batena bezain samurra, leuna eta malgua, oraindik ere. Lainoa jaso zuen. Orain landa ikusten nuen inguruan, hari landa deitzerik baldin bazegoen: ia gorabeherarik ez zuen zirku bat, alde bat laino zikin batean galtzen zela eta beste aldeak mendixka zehazgabeetarantz goratuz zihoazela. Lur beltz, basatsu eta birrindu hura, alde guztietan. Zuhaitz bat bera ere ez. Berdegune bat ere ez, begia non pausatu. Zerua beltz, lurra bezala. Ibarra deitu behar zen sakana batean, eraikin geometrikoak bereizten nituen, zerua eta lurra bezala beltzak, eta are tristeagoak eta goibelagoak ilaratan zeudelako. Hamarreko multzotan, hogeita hamarren bat ilara bakoitzean, dozena pare bat mila gizon aterpetzeko lain, pentsatu nuen. Erdian eraikin garaiago bat, inoiz zuria izana, behinola gorri izandako baina, gainerako guztia bezala, zerion kea bezala belzkara bihurtutako adreiluzko tximinia batekin. Hara nindoan. Berriro abiatu nintzen. Artean urruti zegoen eta hain astuna nuen bihotza! Lurra oinetan itsasten zitzaidan, eta nire begiradak, nora ere begiratzen nuen, talde goseti haiek, itzal argal haiek besterik ez zuen ikusten, isiltasun goibel hartan garraiatzen zituzten era bateko zein besteko zamen azpian leherturik… Egur pilak, zementu-zakuak, burdinazko habeak… Baziren beste irudi batzuk ere, beltzez jantziak; haiek sendoak eta erneak. Gizon haiek makila bat baizik ez zeramaten. Taldeen artean zebiltzan, inor geldirik gera ez zedin zaintzen. Ezponda batean zehar langile-uztarri errukarri haietako bat topatu nuen. Atzeko gizona lurrera erorita zetzan; garraiatzen ari zen egurraren muturra askatuta zeukan. Luze zegoen etzanda, aurpegia lur basatsuan zuela. Kideak, aurrean, zutik, makurturik, geldi, bere gurutzea garraiatzen ari zela zirudien, eta ez zen mugitzen, ez zuen begiratzen, ez zuen pentsatzen ere, seguruenik; burua zintzilik dutela, berriro abiaraziko dituen zigorkadaren zain dauden zaldi gaixo zakartu horietako bat zirudien. Bitarte horretan, gizon beltz haietako bat, hara joanik, akitutako gizona makilaka altxarazi nahian ari zen. Nazka eman zidan, gizon hark kolpe haien mende hiltzera etsi besterik ezin egin zezakeela iruditzen zitzaidan. Ez, ordea. Bere hezurdura mamigabea jaso, habea ere jaso, eta langile-uztarriak aurrera jarraitu zuen balantzaka. Aurreraxeago, gizon bat bakarrik, bera baino astunagoa zen zaku baten azpian bitan tolesturik, azal argizaritsu eta dardarati batez estalitako eskeleto hutsa, orpoak haragi bizitan, oinetako andeatuak odolez eta gazurez bustitzen zituela, gonbitoka zihoan ibili ahala, edo botatzeko ahaleginetan, hobeto esanda, kokotsetik eta lepotik behera erortzen zitzaion behazun urri bat isuriz. Urdaila karranpa ikaragarritan uzkurtzen zitzaion, eta gizon beltz batek bizkarrean makilakadak emanez berotu nahi zion bihotza. Baziren hain akiturik ez zeudenak ere. Haiek begirada bazuten behintzat. Jasangarriagoa ote zen? Begirada hartan lazeria eta beldurra baizik ez zen ageri. Oraindik ez zitzaizkien hezurrak ikusten larruaren azpian, baina azala itxura higatua, pikortsua eta hitsa hartzen hasia zuten dagoeneko, hasia zuten gainbeheraren adierazgarri. Nabari zituzten aurki edema bihurtuko ziren hanturak, aurki zauriak izango ziren gorriuneak, aurki zornez beteko ziren zurbiluneak. Ez dakit ez ote zen erdiragarriagoa oraindik ere osasuntsu samar ikustea eta gero zer bilakatuko ziren jakitea. Aurrera nindoan. Ikaragarrizko hotza nuen. Ez dakit haize hotza ala pena zen; begietatik malkoak zerizkidan, eta erregarri irristatzen zitzaizkidan aurpegian behera. Aurrera nindoan. Zementu-zaku pila baten ondoan zorigaiztoko gorpu bat zetzan, kuzkur samar. Bistakoa zen hilda zegoela. Gizon beltz bat bere makila-muturraz irauli nahian ari zen, hondarretan geratutako marmuka bat iraultzen den bezala, erdi-axolagabez erdi-nazkaz. Aurpegia ikusi nion; heriotzak lohikeriak garbituak zizkion eta ederra zen, lehengo edertasuna zuen berriro. Ihes egin nahi nuen, baina ezin. Ibilera astun hartan aurrera jarraitu baino ezin nuen egin. Biribilean ibili nintzen nonbait. Zeren behin baino gehiagotan iruditu baitzitzaidan bikote heriogarri hura topatzea: gizon beltza bere makila-muturraz zirikatzen, mespretxu okitu batez, eta gorpu bizigabea haren oinetan. Aurrera nindoan. Zingira batetik igarotzean, gauza bigun bat zapaldu nen. Bihotzak jauzi egin zidan eta salto egin nuen. Esku bat zen. Esku baten ahurra. Bizkarrez, besoak luze, etzanda zegoen gizon batena. Haren aurpegi argala zertxobait mugitu zen eta begiek begirada lauso bat igorri zidaten. Itsaspeko piztiaren batek, olagarro batek-edo, begiratu izan balit bezala izan zen. Ezin jasanezkoa zen! Ez nintzen gauza gizon hura ukitzeko, ez, ezta ezergatik ere. Eta urrundu egin nintzen, nire bideari jarraitu nion, nire oin astunak neke handiz aurreratuz. Baina ezin izan nuen eragotzi, hala ere, atzerago, makilak hezurretan egiten zuen hotsa entzutea. Beste gauza asko ere ikusi nituen, noski, baina nire oroimenak galdu egin ditu. Gogoan dut talde bat, barrakoietatik urrun samar, ehunen bat gizon, haizeak piltzarretan zabaltzen zuen ke artean erdi-ikusten zirenak. Ilaran zeuden, zutik irmo, maleta kaskar bat edo hatua oinetan, oinetako txarrez jantzitako oinak, lokatz izoztuan beratzen. Osasun onean ziruditen, nahiz eta margultasun bitxi bat izan denek, sotoan landatzen diren endibia horiek bezala. Belarriak baizik ez zituzten gorri, haizetan, eta belarri-pare haiek itxura komiko goibel bat zuten guztiek. Zenbat denbora zeramaten han? Haien ilaretan baziren hutsuneak; batzuk erorita zeuden: eroritako lekuan uzten zituzten. Besteen gelditasuna haluzinagarria zen ke zaluan; makila besapean zutela, eskuak berotzeko bata bestearekin igurtziz hara-hona zebiltzan gizon beltz batzuen presentziak esplikatzen zuen zergatik gelditasun hura. Aurreratu egin nituen. Hala ote datoz beti, galdetu nion neure buruari, gehiago ote datoz denbora guztian? Eta non sartzen dituzte? Eta bat-batean hildakoaz gogoratu nintzen, eta besteez, eta gizon mutuaren bizkarrean josita ikusi nuen zenbakiaz, ehun eta hirurogei mila eta zerbait, eta barrakoi haiek zenbatentzat? hogeita hamar mila gehienera ere, eta orduan ke-turrusta bat erori zitzaidan gainera, eta eztarrian sartu zitzaidan, eta hain usain lazgarria arnastu nuen non oilo-larrua jarri baitzitzaidan gorputz guztian, sufre-usaina pixka bat, baina baita beste usain bat ere, hezur kiskalien eta sarraskiaren usain higuingarria. Eta izuz begiratu nien eraikin grisaxkari eta haren mamu-itxurako tximiniari, bere ke-farfailekin, eta izumenezko hotzikara batez ulertu nuen zer gauza makurra nahi zuten esan. Hemen zulo bat du nire oroimenak. Ke hura eta nire izularria nahastura hilgarri bat balira bezala eta hark galarazi izan balit bezala konortea. Ke haren baitan luzaro ibili nintzela iruditzen zait. Eta, hala eta guztiz ere, bai, ikusten ditut gauza batzuk: oroitzapen-uhartetxo mortu batzuk. Berriro ikusten dut mingaina errea zuen laguna. Haren aurpegi karratu, zuri, torturatua, oraindik ere irribarre sekretu eta izoztu hura eskaintzen didala –eta orain ongi ohartzen naiz Yorick-en irribarrea zela. Esku-ahurrak erakusten dizkit, mingaina bezalaxe erreta, pusla zornatuz eta pilda odoltsu, belztuz estaliak. Eta irribarre egiten du, irribarre. Gogoan dut beste gizon bat ere, korrika, eta ez dut ulertzen nola egin dezakeen korrika oin ikaragarri handi, desitxuratu eta zauritu haiekin, eta kardan-giltzadura bat ziruditen belaun puztuen inguruan artikulatutako bi makila bezalako hanka haiekin; eta korrika egiten du hala ere, eta ondotik igarotzean haren arnasestu erlatsa, presatsua entzuten dut; ez dakit zer adierazten duen arnasa horrek, itomena ala beldurra. Hor dago zotinka besoetan daukadan haur hori ere. Nor zen? Ez dakit. Besarkatuta daukadala baizik ez dut ikusten, nire kontra estututa. Nire zotinak bereekin nahasten ditut. Hor dago betiere ke hori, eta haurraren ile artean zorriak ikusten ditut lasterka. Eta berriro igaro naiz ilaran dauden gizonen ondotik, baina geroago, ordu asko igaro ondoren. Eguneko argia aldatu egin da eta iluntzen ari du. Ni noa lasterka orain, lasterka igarotzen naiz, eta haiek han daude oraindik, oinak lokatzetan, geldirik, neguko haizearekin nahastuta dabilen kearen arrakaletan. Haien ilarak areago bakandu dira. Eta belarriak ez dituzte gorri dagoeneko. Ikusten zaien azal guztiak, eskuek, aurpegiak, belarriek, kolore urdinkara bera dute. Eta nire hasierako laguna ere ikusi dut berriro, azkeneko aldiz. Anda batzuetan daramate. Zapi batek osorik estaltzen du haren gorpu zurrundua. Eta, hala ere, hil-oihalaren azpian, ikusten ari naiz haren aurpegi zurbila, haren aurpegia irribarrez. Baina, ai! ez da jadanik lehengo irribarrea. Orain, hilda dagoelarik, ez du dagoeneko Yorick-en irribarrea. Irribarre hori zorionezkoa da, eta badakit niri zuzendua dela, anaitasun-seinale baten moduan, itxaropenezko mezu baten moduan. Eta gero… Nola gertatu zen hori? Ametsetan bezala. Ametsetan ez da nolarik. Gizon haietako bat nintzen orain. Ez nintzen bilakatu haietako bat: lehendik nintzen. Betidanik. Ez nintzen lehentxeago erruki petrifikatu batez begira zegokien ikuslea. Ez nintzen behin ere izan. Haietakoa nintzen, besterik gabe. Herrestan garraiatzen nuen nire zama, haiek bezala, eta nire gorputz hondatua, haiek bezala. Nekea eta oinazea beste oroitzapenik ez nuen. Egunik egun nire haragian markatu ziren oroitzapenak, ordurik ordu haragian markatuz zihoazkidan oroitzapenak baino ez. Bi leku horietara biltzen zen geratzen zitzaidan kontzientzia guztia: zamak azala urratzen zidan, hezurra xehatzen zidan lekua, eta nire erraiak sabel-barrenean pisatzeraino astunduak iruditzen zitzaizkidan lekua. Ezeren nahirik banuen, etzan eta bertan hiltzeko desira ase ezina, buka ezina, ez nuen besterik. Baina banekien, piztien zientzia batez, gurtaga artean diharduen zaldiaren zientziaz, ezin nuela ez etzan, ez hil… Zeren gizona ez baitago bakarrik bere larru barruan, badu bizi nahi duen piztia bat han ostataturik, eta aspaldidanik ikasia nuen, nik pozik onartuko banu ere gizon beltzen makilak hantxe bertan akabatzea, erreboltatu egingo zela piztia kolpe haien pean, erdi-hilik dagoen sagua, bizkarra hautsirik ere, bere torturatzailearengandik ihes egiten ahalegintzen den bezala. Banekien hori, eta horrexek are izugarriago eta ankerrago bihurtzen zizkidan nire neke izugarria eta nire desira izugarria. Eta putzu haren hondoan, gehena ezin agortuzko haren hondoan, sorgortze urratu haren hondoan gogoeta bat baldin banuen, sentimendu bat geratzen baldin bazitzaidan, jendeak, munduan zehar, gu bezalako jendeak, guk bezala burua eta bihotza duen jendeak, gure berri eta gure bizitzaren berri badakiela, eta bere bizimodua egiten duela, bere diru, maitasun eta mahai-kontuekin, eta gauzen eta denboraren artean guri arretatxo baten oparia ere eskaini gabe jarraitzen duela jakitearen atsekabe mingotsa, urradura, etsipen bakarti eta izoztua zen gogoeta eta sentimendu hori. Eta badirela beste batzuk ere, bai, badirela beste batzuk, noizean behin gurekin amets egiten dutenak, eta hori gogoratzeak irribarre eginarazten duela. 1943 azaroa EZINTASUNA Benjamin Crémieux-en oroitzapenez Besteen zoritxarrekiko sentibera samarrak gara, ezta?. Nire adiskide Renaud guztiz sentibera izan zen, denbora guztian. Horrexegatik maite dut, nahiz eta sarri gertatzen zaidan gaizki ulertzea. Hain aspalditik ezagutzen dut, non zaila gertatzen baitzait nire bizitzaren zati bat hura gabe imajinatzea, hura zertan edo hartan nire bizitzan nahastuta egon gabe. Baina gogoan dut, hala ere, noiz ikusi nuen lehenengo aldiz. Aita Clopart-en ikasgelan, luze eta argal, garai hartan zuen harridura eta arretazko itxura harekin sartu zenean. Izena esan zuen, eta “Rémoulade” ulertu nion nik. Clopartek ere berdin ulertu zuen nonbait, zeren errepikatzeko agindu baitzion. “Rémoulade” ulertu nion berriro, eta hasierako garai hartan izen horrez deitzen nuen, egiazki. Izatez, Houlade zuen izena: Renaud Houlade. Silabak jan egiten zituen pixka bat. Ni baino bi edo hiru ilara atzerago esertzeko agindu zioten. Horregatik oso ongi ikusi zuen, bere aurrean, jolasean bezala, nire jakaren lepotik heldu eta aran-arbola bat astintzen den bezala astindu ninduen ikaskidea. Nik, aranen gisan, tinta-tanta zaparrada bat jaurti nuen, eta nire ondoko bien koadernoak zikintzera joan ziren. Hori zela-eta zalaparta sortu zen, ni egin ninduten errudun, eta hurrengo minutuan pauso-hotsak zelatatzen eta, haien artean, zuzendariarenak entzuten ote ziren zelatan lanpeturik nengoen, korridorean. Barrenak irakiten neuzkan, egin zidaten injustiziagatik. Horretan ikasgelako atea berriro zabaldu eta Rémoulade ateratzen ikusi nuen. Irribarrez etorri zen niregana. Irribarre bitxi samarra: sumindua eta burlaizezkoa, aldi berean; haserre eta garaipen nahaste bat. Esan zuen: –Kanpora egotzi naute. –Zu ere bai? Nahita? –Bai –esan zuen–. Ez nuen kidea salatuko, nolanahi ere, ezta? Baina are gutxiago zuri egin dizutena onartu. Eta, bada, hori: kanpora botatzera behartu ditut. Ahaztuta daukat nola moldatu zen. (Doinutxo bat txistukatzen hasi zela uste dut, besterik gabe). Baina ez dut ahaztu egun hartatik datorrela gure arteko adiskidetasuna: ez hori niregatik egin zuelako (ez ninduen ezagutzen ere), egin zuenaren izaerak sumarazten zuenagatik baizik. Ni oso ohartun nintzen halako gauza bat eskolan sartu bezain laster egiteak zer larritasun zuen, zer arrisku hartu zuen ausardia handiz betirako “ikasle gaiztotzat” har zezaten. Egia esan, bere bizitza osoan izan zen bezala agertu zen egun hartan ere: beti prest edozein bidegabekeriaren zama bere gain hartzeko, beti prest mundu osoaren bekatuak berak ordaintzeko. Pentsatzekoa da zer izan ziren harentzat Frantziak katakonba barrenean igaro zituen lau urteak. Ez zitzaidan behin gertatu, hamar aldiz baizik, hari erremediorik gabeko zorakeriaren bat egitea eragotzi beharra. Izar horia erabili nahi izan zuen, gatibu boluntario har zezatela. Azkenean ulertu zuen zein hutsalak ziren errebolta horiek. Beste batzuek gosea jasan zuten, goseak argaldu zituen. Hura amorru gordeak argaltzen zuen. Esan beharrik ere ez dago buru-belarri sartu zela erresistentzian. Miraria da oraindik bizirik egotea. Baina ekintzak, hartzen zituen arriskuek ez zioten itzaltzen egunero bazka berriz elikatzen zuen irudimenaren su hura. Ohitura hartu nuen Neuillyn zuen etxetxora egunero joateko ikustera. On egiten zion horrek. Bere bihotz oinazetuan gainezka egiten zion orotarako ihesbide gisa balio nion. Behin baino gehiagotan atera nintzen handik txakurrarenak entzunda. Gero hobeto ibiltzen zen. Egun horretan berri tamalgarri bat neramakion. Bide osoan zalantzan joan nintzen, esan ala ez esan. Koldarkeria handia zegoen nire zalantza horietan, zeren nahitaez esan beharko zitzaion egunen batean. Atea igaro nuenean, nire onera etorri eta erabakia hartua nuen. Jakin izan banu… baina ez jakin. Iritsi nintzenean ez zidan ezer esan: Oradourko herrixkako hilkintza gorrotagarriaren berri geroago arte ez nuen jakin. Hark, berriz, goiz hartan bertan eduki zuen eskuetan denbora labur batez zabaldu eta gero desagertu zen prefeturaren txosten bitxi eta soiltasun heriogarrizko hura. Ondoren protesta ofizialik batere ekarri ez zuena, gainera. Uste dut, seguru nago, ni noiz iritsiko zegoela, eztanda egiteko. Zurbil zegoen, oso-oso zurbil. Ni neu oinazetuegi nengoen esan behar nionagatik, hartaz ohartzeko. Nire nahasmendua ikusirik, itxaron egin zuen. –Berriak… (eztula egin nuen)… berri txarrak izan ditut. Denbora pixka bat behar izan nuen adorea hartzeko. Azkenean aitortzeko gauza izan nintzen: –…Bernard Meyer-i buruz. “A!” besterik ez zuen egin, “Bagaude” esango balu bezala. Aurpegia harrigarriro itxirik zuen. Ez nuen espero izotzezko baretasun hura erakutsiko zuenik. Asaldura sukartsuren bat izango zuela espero nuen. Ez Bernard Meyer harentzat edo niretzat adiskide esaten dena zelako. Baina jende guztiak maite zuen. Gertutik edo urrutitik “la boîte”-era hurbildu zirenek nahitaez maitatu behar zuten –erdipurdikoek eta bekaiztiek salbu–. Zerbitzu gehiago eman zien hark den-denei munduan beste edonork baino. Egin ote zen (egin zezaketenek) egin ahal zen guztia hura Drancytik ateratzeko? Renaudek eta biok ondotxo genekien ezetz. Eta bagenekien zergatik, eta ez zen gauzarik distiratsuena. –Hil egin da –esan nion, eta Renauden begirada finko, izoztuak ez zidan batere laguntzen hitz egiten jarraitzeko–. Silesian, esparruan –jarraitu nuen, meritua ere bazuen tema batez. Eta eten luze baten ondoren, bi hitz labur ikaragarri gehitu nituen, zenbat sufrikario, zenbat tortura eta zenbat izugarrikeria estaltzen duten orain badakigun bi hitzak, heriotza-oharrak esaten zituen hitz lakonikoak: Erabateko ahuleriaz… Renaudek ez zuen ezer esan. Begira zegokidan. Eta segituan ohartu nintzen Bernard Meyerren irudia zegoela dilindan gure artean, guk ezagutu genuen Bernard haren aurpegi luze zuri hura; begi bizi eta aldi berean ameslari haiek, munduan idazten edo pentsatzen duen guztiak egunen batean ezagutu duen bizar gogoangarri hura, eguzkiz betetako doinu bero hura…–, eta hiltzean izango zuen aurpegi etsi errukarri harena… “Erabateko ahuleriaz”… Bi hitz haiek, esparru haietako martirioa zer zen dakien edonorentzat hain iradokizunez beteak, Renauden ariman barrena sartzen sentitzen nituen. …a tale unfold, whose lightest word Would harrow up thy soul; freeze thy Young blood; Make thy two eyes, like stars, start from their sphere. Orduan igaro ziren isiltasun astunezko minutu luze haiek ez ditut sekula ahaztuko. Bero egiten zuen, kontraleihoak hiru laurdenean itxita zeuden, hiltzen ari zen freskotasuna ahal bezainbatean gordetzeko. Zomorro bat –liztorra edo erlastarra– jo eta jo ari zen leihatilaren kontra, aditu ezin hilgarri baten egoskorkeria zentzugabeaz… Renaudek ez zuen ezer esan, ezta hitz bat bera ere. Sofaren barrenean zokoraturik, begira zegokidan. Ikusten ote ninduen? Harrizko begirada bat zen. Marmolezkoa zen dena harengan: haren ezpain estutuak, haren sudur mehea, haren bekokia, distira pixka bat eginez, izpi lauso batek argiturik –zuhaitzen artetik igarotako errainu baten argi berde samarra… Ez naiz ongi gogoratzen nola aurkitu nintzen kanpoan. Egia esateko, ihes egin nuen: berri hura beste batzuei ere jakinarazi beharraz zertxobait murduskatu nion ozta-ozta. Borroka bitxi bateko galtzaile sentitzen nintzen. Borrokarako prestatu, aurkari baten eraso bortitzari eusteko bere indar guztiak tinkatu eta hark bat-batean negarrez besarkatzen duen baten moduan. Baina eguzkitan astiro eta geldiro nindoala, poliki eta lausoki hasi zitzaidan azaltzen egia: bazen nik ez nekien zerbait, lehendik zaurituta zegoen lekuren batean jo nuen, nonbait, Renaud. Nire nahasmendua kezka bihurtu zitzaidan, une hartatik aurrera. Ondoegi ezagutzen nuen Renaud ez imajinatzeko barneko zer jasa ezkutatu behar zuen isiltasun zakar hark. Beldurtu ere egin nintzen pixka bat. Ez, ez nuen pentsatzen benetan gauza tragikorik, pentsatu gabeko eta, batez ere, ustekabeko egintza horietakoren bat baizik… Oroimena hegan zihoakidan oroitzapen batetik bestera… Sorbona bat-batean utzi eta batxilergoan ahozko azterketatik alde egin zuenean bezala, Mouriezi suspentsoa jarri ziotelako… Zenbat jestio egin behar izan nuen nire aitarekin batera, huraxe bezalako egun bero batean, Renaud (Rennesen artillero zegoena) Legiora joateko konpromiso batetik askatzeko, zergatik eta brigada sadiko batek mutil ergel bat martirizatzen zuelako… Eta nola baztertu zuen (egun batetik bestera) dotorezia sotil baina zorrotza, eta jertse eta txapinezko zabarkeriara nola eman zen, zergatik eta miresten zuen gizon bat, familia ospetsu bateko nagusia, eskrupulurik gabeko Tartufo bat baizik ez zela frogatu ahal izan zuelako… Atzera itzuli nintzen. Bai, hartaz izan nuen azkeneko ikuspegia, geldi, zurbil eta bere sofa zokoan isiltasunean tematua, kolpe suhar eta barroko haietako baten prodromoa iruditu zitzaidan bat-batean. Ez nenbilen oker. Lorategian aurkitu nuen. Ordurako pila bat egina zuen adarrez eta adaxkaz, kaxa-puskaz, ohol eta estalki puskaz, ez dakit zer su egiteko. Eta haren gainean metatzen hasita zeuden bere bizitza guztian zehar lanez eta nekez bildutako altxorrak, bere bizitzako gatza zirenak: liburuak, gauzak, koadroak… Bihotza taupaka hasi zitzaidan ezagutzen nituen batzuk ikusita: seguru asko Memling-ena ez zen, baina inondik ere Brujaseko eskolakoa zen erretaula baten orri baten ertza. Jules Noël-en itsaso-ikuspegi ekaiztsu bat, gris eta urdin sakoneko sinfonia erromantikoa. Beste koadro batena bizkarra baizik ez nuen ikusten, baina markoa ezagutzen nuen: “ipotx” bat (Picassorena), aurpegi melankolikoa, gozotasunez betea, oraindik ere ikusten ari nintzela iruditzen zitzaidan. Limoiondo-zurezko kutxatxo bat, oso soila, baina barruan parpaila-lan zahar eta zoragarri pila bat zegoela banekiena. Eta nonbait liztor-gerriko kortesanaren batek jantzi izandako gerriko bitxi hura, artista liluragarriren batek Zeusen amodioen hamasei eszena margotu zituen bolizko hamasei xaflatxo… Hori dena nahasian, hain agudo ezagutu ez nituen beste hainbat gauzarekin batera, liburuen artean. Eta garbi ikusi nuen ez zela aukeratzen aritu. Nahas-mahas bota zituela gainera argitalpenik apalenak eta bakanenak. Irakurriaren irakurriz erdi-akastutako liburuen ondoan zeuden Iluminazioen jatorrizkoa, Nodierren ipuin anonimoak enkoadernazio erromantiko jostagarri batean, Clèveseko Printzesa, bere garaiko enkoadernazioan. Han ikusi nuen aitak emanda zuen Hugo, begi bat bezala “Swango amodioa” falta zitzaion Proust-en bilduma, Conrad, Woolf de Tauchnitz, nik hainbeste aldiz begiratu eta mailegatuz hartutako liburu haiek guztiak. Denaren gainean, brontzezko eskutxo bat, Nepaleko Buda baten esku luze, malgu, mehe eta fina bere protesta mutu etsia eskaintzen ari zela zirudien. Iritsi nintzenean, Balzac-en zama handi bat besoetatik husten ari zen Renaud. Atetik bertatik oihu eginez deitu nion. Atzera biratu zen. Haren begi gris, distiratsu, gori eta izoztu haiek, zein ongi ezagutzen nituen nik! Kopeta jaitsi zuen, zezen gazte baten mugimendu batez. –Zer? –esan zuen. Haren masailak dardaraz ikusten nituen, eta hanketan tinkaturik sentitzen nuen, jauzi egiteko prest bezala. Ondora joan nintzen. –Entzun, Renaud… –hasi nintzen, esku bat jasoz. Jauzi egin zuen, bai, besoak zabaldu zituen, bidea itxi zidan. Eskumuturretik heldu nahi izan nion, baina keinu zakar batez askatu zen–. Renaud –erregutu nion–, entzun. Zer erokeria da hau… –Erokeria? –bota zuen. Eskuak patriketan sartu eta barreari eman zion. Barre behartu, mekaniko, bortitz eta errukarri bat–. Erokeria diozu! Erokeria, noski… Zu ez, zu ez zaude erotuta. Ez horixe! –Gorrotoz bezala begiratzen zidan. Bizkor hitz egiten ez banuen, bizkarretik heldu eta kanpora botako ninduela konturatu nintzen. –Renaud, Renaud –esan nion oihuka–, ez zaude zure onean. Egon. Entzun. Zer egin behar duzu? Zertara dator holokausto hau? Nor nahi duzu zigortu? Zeure burua berriro, eta… Oihuka eten zidan: –Ez! –burua astindu zuen–. Neure burua? Neure burua zigortu? –Esku batez hitz horiek ezabatu nahi zituela zirudien, eta bat-batean aurpegi gainera makurtu zitzaidan–. Ez, ez… –egin zuen oihu, eta aurpegira bota zidan–: Gezurra! –Berriro errepikatu zuen, ahal zuen indar guztiaz oihu eginez–: Ge-zu-rra! Ni akusatzen ninduela iruditu zitzaidan. –Nork? –esan nion protestaz–. Zer gezur? Nire galdera kontuan hartu zuen? Segituan behintzat ez, seguru asko. Haserre amorratuzko doinu berean jarraitzen zuen: –Mundu makur honetako gezurrik handiena, gezurrik makurrena! Gezurra! Gezurra! Gezurra! Zein, diozu? Ez dakizu zein, benetan? A, bai, badakit zer den. Zu ere horietakoa zara, zu ere bai, ni nintzen bezala. Baina ez naiz gehiago, kito, bukatu da. Agur, ki-to, konturatu naiz! –esan zuen oihuz, amorru eztanda samin batez, eta sutarako pilarantz biratu eta pauso bat egin zuen. Mahukatik heldu nion. Baina arrastaka eraman ninduen, eta hiru jauzitan pilaren ondoan ginen. Ostikada bat eman zuen eta Parmako kartusia hegan ikusi nuen. Eta bat-batean bizkarretik heldu eta bere altxor pilatuen gainera makurtzera behartu ninduen: –Begira iezaiezu –esan zuen oihuka–, eta agurtu itzazu, bete itzazu zure miresmenaren eta esker onaren lerdeaz! Zeure buruaz sinetsarazten dizutenagatik. Hor zaude-eta zu ere, horiei esker, zeure buruaz ondo pozik! Hain pozik gizona zarelako! Hain pozik hain izaki baliotsua eta estimagarria zarelako! Bai horixe: sentimendu poetikoz eta ideia moralez eta asmo mistikoz eta gauza horiez guztiez betea. Alajainkoa, eta zu eta ni bezalako jendeak hori irakurtzen dugu, eta atsegina hartzen dugu eta esaten dugu: “Hemen gaude gu, jende sentibera eta burutsua”. Eta losintxak egiten dizkiogu elkarri, eta sekulako miresmena diogu gure ile bakoitzari, lautan zatituta ere, eta konpontxoka aritzen gara elkarrekin. Eta zer da, bada, hau dena? Zerrikeria besterik ez, goragalea ematen duen zerrikeria bat! Zer da gizona? Inon den izakirik zerriena! Zitalena, maltzurrena eta ankerrena! Tigrea, krokodiloa? Aingeruak, gure aldean! Ez dira jostatzen santutxoarena, pentsalari sakonarena, filosofoarena, poetarena egitera! Eta hori dena nire apaletan gordetzea nahi duzu? Zertarako? Gauean, Stendhal jaunarekin, Baudelaire jaunarekin, Gide eta Valéry jaunekin hitz egiteko, dotore-dotore, garai batean bezala, eliza batean emakumeak eta haurrak bizirik xigortzen dituzten bitartean? Lur gain osoan jendea masakratzen eta hiltzen duten bitartean? Emakumeak aizkoraz lepoa moztuta hiltzen dituzten bitartean? Jendea arnasarik gabe itotzeko propio eraikitako geletan pilatzen duten bitartean? Han eta hemen, beharbada irratitik ematen duten Mozarten musikarekin urkatuak zuhaitzetatik zintzilik dauden bitartean? Lagunak salatzera behartzeko jendeari oinak eta eskuak erretzen dizkioten bitartean? Gure Bernard Meyer otzana, zintzoa, atsegina oinazetan hiltzen duten, kolpez akabatzen, nekez, gosez eta hotzez leherrarazten duten bitartean? Eta egintza izugarri horiek, koldarkeriaz ezikusiarena egitea nahiago duten, bost axola dien, eta batzuek onartu eta egiten direlako poztu ere egiten diren egintza izugarri horiek eragozteko behatza ere jasoko ez luketen pertsonez (jende jatorra, ezta?, jende ikasia eta guzti) inguratuta gauden bitartean? Eta “zer erokeria da hau…” galdetzen didazu? Baina, Jaungoikoarren, gutatik nor dago erotuta? Esan, esan, non dago eromena? Ez duzu, bada, nahiko esatea nahaste-borraste hau dena mindulinkeria hutsa baino gehiago denik, gizona den bezalakoa den bitartean? Lo-eragile zikin bat baino gehiago denik, atsegintasun xantu batean loakartzeko? Zerrikeriak! –egin zuen oihu, hain ahots zoliz, non amorruz erlastu baitzitzaion–. Lerro bat ere ez dut gehiago irakurriko! Ezta bat ere, gizona aldatzen ez den bitartean, baina ordu arte ezta lerro bat ere, entzuten? Ezta bat ere, ezta bat ere, ezta bat ere! Askatu egin ninduen. Nahigabeak bere onetik ateratzen duen haur haserretu baten moduan lurrari ostikoka eginez esan zituen azkeneko hitz horiek. Zuhaixka baten adarrari heldu eta erauzi egin zuen. Ezker-eskuin edozeri kolpeka, “ezta bat ere, ezta bat ere!” errepikatuz, baina bat-batean gurgura batean eten zitzaion ahotsa, eta malkoek ihes egin zioten, eta haren gorputz guztiak, bortiztasun hura bat-batean utzirik, bere gain zanpatua zirudien; eta nik, besotik heldurik, bere sofara eramatea lortu nuen, hantxe erori zen, eta burua bururdi batean hondoratu, eta negar-zotinka hasi zen erabat. Zinez etsimenak hartutako haur baten moduan egiten zuen negar. Neu ere negarrez ari nintzela uste dut, isil-isilik, hari begira. Haren ondoan eserita nengoen, eta haren esku bat nireen artean hartuta neukan, eta hari heltzen zion, hari atxikitzen zitzaion eta hartatik zintzilik zegoen, benetan, haur baten moduan. Etsimen horrek luzaro iraun zuen, harrigarriro luzea iruditu zitzaidan. Baina, bukatzeko, haur baten moduan, malkoek menderatu zuten, haur baten moduan loak hartu zuen bukatzen ari zen egun luze hartako ilunantz geroz eta lodiagoan, aldiro-aldiro oraindik ere hasperen-inarrosaldiek astintzen zutela. Orduan goiko solairura igo nintzen, Berthe zaharraren bila, lagun ziezadan. Gau iluna zen. Berthek ez zuen ezer galdetu. Renaudi, lotan eta errukarri, begirada bat egin eta burua pixka bat astindu besterik ez zuen egin. Eta isil-isilik jarri genituen berriro gauza guztiak beren lekuan. Baina, harrezkero, nik ere galdu egin dut irakurtzeko poza. Renauden iritzi beragatik? Ez, alderantziz baizik! Arteak eragozten dit etsitzea. Arteak gezurtatu egiten du Renaud. Gizakia nahiko piztia makurra dela aise ikusten dugu. Arteak, berekoikeriarik gabeko gogoetak berrerosten dute, zorionez, gizakia. Baina, egun hartaz geroztik, galdu egun dut irakurtzeko poza. Nire errua da, ordea: nik dut kontzientzia txarra. Nire koadroen aurrean, nire liburuen aurrean begiak desbideratu egiten ditut pixka bat. Lapur batek, oraindik berean gogorturik ez badago, lapurtuta dituen altxorrez bihotz lasaiz gozatu ezin duen bezala. 1944 uztaila ZALDIA ETA HERIOTZA Ia entzun ere ez nituen egiten haien historiak. Batzuk jostagarriak izaten dira, baina gehienetan aspergarriak iruditzen zaizkit. Likore-basotxoa eskuetan berotzen ari nintzen, eta barre egiten nuen besteek bezala, azkeneko hitzarekin batera, begikotasunez. Ongi iruditzen zitzaidan gure gonbidatuak nik bezalaxe egitea. Hala ere (Jean-Marc-ek eztarria garbitzeko eztula egin zuenean) begiak harengana jaso, irribarre egin, eta entzuten ari zela erakutsi zion. –Nirea egiazkoa da, benetan gertatua –esan zuen Jean-Marcek–. Ni ez naiz beti izan orain ikusten nauzuen burges tripaundi hau. Ez naiz beti izan eraikin-gerentea. Kideek, fantasia handia nuelako kideek asko estimatzen zuten arkitekto-ikaslea ere izan naiz. Harritzekoa da zein gauza hauskorra den fantasia. »Egun hartan… gau hartan, hobeto esateko, dozena erdi bat ginen, Balazuc-enean ederki edanda eta abestuta, badakizue, Beaux-Arts kalean: hango Tavel ardoa. Ura balitz bezalaxe edaten da… –Edaten zen –esan zuen Mauricek, triste. –Itzuliko da berriro –esan zuen Jean-Marcek–. SaintGermain bulebarrean genbiltzan, hara-hona. Gauerdia zen… ordu bata. Zer egin ari ginen, bromaren bat egiteko. Oraindik ere ez dakit nola zegoen hura han: orga huts bat, zaldi batekin, zuhaitz bati lotuta. Gidaririk gabe, ezer gabe. Zaldi handi bat zen, zutik lotan, burua dilindan. Askatu egin genuen, eta lasai etorri zen gure atzetik, zaldiek ohi duten bezala; badirudi bitxi samarra baina aldi berean guztiz normala iruditzen zaiela eskatzen zaien guztia. Txandaka igotzen ginen haren bizkarrera, eta oinez geratzen zirenek hotsez eta keinuz akuilatzen zuten. Nik galapan jartzea ere lortu nuen, behin bakarrik, baina ez luzaro: hamar-hamabi metro. Bere gisa uzten baldin bagenuen, pausoa geldituz joaten zen, erabat gelditu arte, eta lo hartzen zuen. Ez dakit zenbat bira eginarazi genizkion. Egia esateko, berehalaxe aspertu ginen, baina ez genekien zer egin. Berriro bere gurdiari lotzera ez ginen joango: urrutiegi zegoen. Assas kalera iritsiak ginen, edo Fleurus kalera, hor nonbait. »Orduantxe bururatu zitzaidan. Huysmans kalea ezagutzen duzue? Parisko kalerik goibelena. Kale burgesa da goitik behera: gogoratu kolpe batean eraikia dela, alde banatan harlanduzko etxeekin, burges estilokoak denak. Ezta denda bat ere, ezin duzue pentsatu ere zein goibela izan daitekeen dendarik gabeko kale bat (dendarik batere gabe). Inor ere ez da ibiltzen. Kale gris, harro, handiputz bat, beti hutsik. Atezain kale bat, beren atetik aurrera inoiz ateratzen ez diren ongi eskolatutako atezainez betea. Kolpetik bururatu zitzaidan, aukera ederra nuela kale haren mendekua hartzeko. »Atezainetako baten mendekua hartzeko, gutxienez. Berdin zion zein. Hara eraman genuen gure zaldia. Ate bateko txirrina jo genuen: burdina forjatuzko ate bikain bat, beira handiekikoa. Zalditxoa sarrarazi genuen, atezaindegiaren aurreraino bultzatu genuen. Gutako batek ahots ozenez, berandututako maizter baten moduan, oihu egin zuen, irrintzi antzeko ahots batez: »–Zaldiaaaa! ! »Eta hura hantxe utzita atera ginen. Ez dakit zer gertatuko zen ondoren. »Ez dirudi oso-oso jostagarria, baina… Imajinazio pixka bat aski da. Imajinatu lehendabizi zaldi hura han, atari barruan bakar-bakarrik, geldi, ergel eta aspertu-itxurarekin. Eta atezaina, izen bitxi hura entzun eta izen hartako etxetarrik gogoratu ezinda. Bere leihatila erdi-zabaldu eta hura ikusten duela (egiazko zaldi bat, buru luzea beregana bihurtu eta begiratu triste bat egiten diola), eta, minutu batez, bere erdi-lozorroan, zaldiek orain etxeratzen direnean beren izena esaten ote duten pentsatzen ari dela… Hogei urte badira hura gertatu zenetik, eta gogoratzen dudan bakoitzean barreak lehertzen egoten naiz oraindik. Gure gonbidatuak basoa utzi eta esan zuen: –Hitlerri buruzko historiarik politena kontatuko dizuet. Ateraldi hura bitxi samarra iruditu zitzaidan. –Funtsean historia bera da –hasi zen berriro–, horrexegatik bururatu zait. Hau ere egiazkoa da. Z…-k kontatzen du, hark oso ongi ezagutzen du Brecker. Horrek ez luke esan nahiko historia hau egia denik, baina seguru nago egiazkoa dela. Zeren ez baita bukatzen. Historia bat asmatua denean, bukaera izaten du. »Hitler Parisa etorri zenean gertatu zen, 41ean. Badakizue. Goizeko bostetan iritsi zen. Hara eta hona eraman zezaten agindu zuen. Bada argazki lazgarri bat –guretzat lazgarria–, Hitler Chailloteko Jauregiko terrazan dagoena. Munduko hiri-paisajerik ederrenetako baten aurrean, ederrena ez bada. Paris osoa oinetan duela. Paris osoa lotan, Hitler begira daukanik ez dakiela. »Operara ere agindu zuen eramateko, aretora. Operako aretoa goizeko seietan… imajinatzen ahal duzue. Errepublikako lehendakariaren kamerinora joan nahi izan zuen, eta hantxe eseri zen. Bakar-bakarrik eserita, kamerino hartan, bakar-bakarrik areto hartan, goizeko seietan. Ez dakit horrek zerbait pentsarazten dizuen. Niri patetikoa iruditzen zait, patetikoa iruditzen zait Parisa egin zuen bisita hura. Paris konkistatu du, baina badaki hiria lotan dagoenean baizik ezin daitekeela izan haren jabe, badaki egunsentiko basamortu hautsez betean baizik ezin dela agertu Operan… »Baina hau dena geroago gertatu zen. Kontatu nahi dizuedana hori baino lehenago da, iritsi bezain laster. Breckerrek egin dio ongietorria, Hitlerrek bere Michelangelo deitzen duen Brecker ilunak. Eta Führerrak esaten dio: »–Beste ezer baino lehen, eraman nazazu orain dela hogei urte bizi zinen lekura. Zuk non lan egiten zenuen ikusi nahi dut lehendabiziko gauza, zure Montparnasseko lantegia ikusi nahi dut. Orduan autoa Campagne-Première kalerantz abiatzen da edo, Boissonade kalerantz, ez dakit ziur, bietakoren bat, nolanahi ere. Breckerrek zalantza du, dudak ditu, gauza asko aldatu dira azkeneko hogei urteetan. Hala ere, zalgurdiak sartzeko ate handi moduko bat ezagutzen du. Autotik jaitsi eta atea jotzen dute. »Atezainarekin eta zaldiarekin bezalako imajinazio-ahalegintxo bat egin beharko duzue hemen, nik uste. Oraingo honetan ez da atezain bat, ataria zaintzen duen atso xahar bat baizik; atezainaren gelatik ezin da zabaldu beheko atea, beheraino jaitsi behar da. Jo eta jo ari diren ate-kolpe haiek esnatu egin dute, ikaratu samar, zer ote den pentsatzen du, gain-jantzi lodi bat, edo kapa labur bat janzten du; oraindik ilunpetan dagoen solairu erdia jaisten du, eta han ari da bere esku zaharrez zabaldu nahi ez duen sarraila handia, atea zabaldu aurretik… »Zabaltzen du azkenik, begiratzen du. Nor ikusteko… HITLER »Horixe da historia… Baina harrigarria da, eta gauza asko esaten ditu, hain zuzen ere berehalaxe ohartzen delako bat alferrik dela atsoak bota zuen izumenezko oihua, eta nola bultzatu zuen atea, zalaparta batean, ezin sinistuzko ikuspen haren gainean. Deabrua bera ikusi izan balu bezala. Zeren izan zitezkeen beste aleman batzuk ere: beldurtuko zen, jakina, eta pentsatuko zukeen ‘Zertara datoz hauek orain?’, baina sartzen utziko zien –ikara batean, seguru–, baina, tira, horixe izango zen dena. Edo imajinatu Franco, edo Mussolini zela. Ez zituzkeen hain bizkor ezagutuko seguru asko, eta, jakina, ez ziokeen izumenezko oihu hura eginez bultza egingo ateari. Ez, ez: Garbi ikusten da ate atzean topatu zuena, Heriotza ikusi izan balu bezain izugarria eta beldurgarria zela, Heriotza bere segarekin eta oihalarekin, eta parte txarreko irribarrea, ezpainik gabeko masailezurretan. 1944 abuztua VERDUNGO INPRIMERIA –Lapurrak kanpora! Vendresseri barru-barrutik atera zitzaion mendekuzko oihu hura, otsail gaizto hartan. Sinetsi egiten zuen hartan. Gorroto zituen lapurrak. “Horiek ekarri gaituzte orain gauden egoerara”. Gogoko nuen, Vendresse. Suharra zen, eta egiatia. Haren zintzotasuna, haren suhartasuna bidez nahastuta zeuden, horra. “Boltxebike!” deitzen zidan, erdi-barrez, erdi-barrez bakarrik. Bazekien ez nintzela “alderdikoa”, ez nintzela inoiz izango alderdi batekoa. Baina askoz gutxiago haren alderdikoa: haren begietarako zintzoa zen alderdi bakarrekoa, ordena eta aberria maitatzen ziren alderdi bakarrekoa. “A.F.ko tipoak” ez zituen maiteago, bazter-nahastaileak haiek ere, beren modura. A! iraultzearen aldekoa zen bera ere, baina iraultpen ordenatu baten, lapurren kontrako iraulpen baten aldekoa. –Non daude, baina, ditxosozko lapur horiek? –esaten nion nik. –Ba, begira, esate baterako! –haserretzen zen bera, begiak biribil-biribil jarrita begiratuz. –Irakurri zer idazten zuen lehengo batean nire lagun batek –esaten nion berriro nik–: “Zergatik ez da inor joaten gare de l'Est-era ‘kanpora hiltzaileak!’ oihu egitera, eta, Konpainiari bagoi berriak erostea baino asegurua ordaintzea merkeago ateratzen zaiolako, bidaiariak aldiko berrehunka hiltzen dituzten zurezko bagoi zahar horiek erretzera?”. –A! –egiten zuen protesta Vendressek–, oraindik ere balio dezaketen bagoiak! Horra nire Vendresse, eta jostagarria iruditzen zitzaidan haren inprimeriatxoa, ezertarako ez ziren gauzez bete-betea: klixe zaharrak, giltza zaharrak, propagandako hautsontzi zaharrak, torloju zaharrak, eta baita nork jakin zein galdaratako manometro zahar bat ere, berak botatzeko adorerik sekula izaten ez zituen gauzak: “baliteke noizbait zerbaitetarako balio izatea”. Verdungo inprimeria. Izen harrigarria, Montparnasseko Passage d'Enfer-eko zoko hartan, dendako sarrera estuaren gainean. Zergatik Verdun? Verdungo infernua?, etortzen zen gogora. Izan, bazegoen horrelako zerbait, lotura hori nahita bilatua izan ez bazen ere. Vendresse erdi-aprendiz erdi-langile zen 14an, gerra hasi zenean. Ugazaba joan zenean, etxea zabalik eduki zuen, berak joan behar izan zuen arte, 1915eko azken aldera. Biak zauritu zituzten Verdunen, erregimentu desberdinetan. Vendresse oso ondo sendatu zen. Baina ugazabari eskuineko hanka moztu behar izan zioten: gangrena. Handik pixka batera, belaun gaineraino moztu behar izan zioten. Gero izter osoa joan zen, eta, azkenean, ezkerreko hanka ere harrapatu egin zion. Seigarren ebakuntza egin behar ziotenean (beste izterra), Vendresse bere testamentuan sartu zuen, eta inprimeria utzi zion, Verdunen oroigarri. Hala bihurtu zen Vendresse bere buruaren ugazaba 1924an, eta hala bataiatu zuen inprimeria hura aintzazko izen harekin. A, negozio apala zen: “txartelak” besterik ez, jakinarazpenak, gutunburuak, prospektuak… “Minerva” automatiko bat, pedalezko prentsagailu bat, eta eskuzko prentsagailu zahar bitxi bat. Harengatik joaten nintzen hara: nire argitalpenetarako probetarako. Ugazaba txikia, baina ugazaba, ezta? Atxikimendu handia zion horri. Horrexegatik joan zen, nonbait, “lapurrak kanpora!” oihu eginez zergen kontra protesta egitera. Astunegiak baitziren zergak, juduak gizentzen direlako, masoiek lapurretan egiten dutelako, “boltxebikeek” sabotajeak egiten dituztelako. Oso ongi bereizten zituen erakundeak eta haietako kideak. Bere langilea judua, masoia eta antifaxista zen, esate baterako. Horrek ez zuen eragozten, ordea, Vendressek, bere langileak hiru akats haiek izanda ere, hura oso estimutan edukitzeko. “Badira onak ere”, esan ohi zuen. Briançoneko mutil bat zen langile hori, suharra, bizia, langilea eta trebea, Verdunen ibilia, hura ere. Gerra ondoren, lehengusu bati inprimeriatxo bat erosi zion, Piemonten, Pinerolon. Faxismoak bota zuen handik. Vendressek kontratatu zuen, Verdunen oroitzapenez betiere. Dacostak eta berak astean hirutan izaten zuten heldukada gogorren bat, Mussoliniren kontura. Eta horren ondoren baso erdi bat edatera joaten ziren Campagne-Première kalera. Sekulako estimua zioten elkarri. * * * 36an gutxi falta izan zen gauzak okertzeko. Dacostari greba egin beharra zuela iruditu zitzaion. Jakinaren gainean jarri zuen ugazaba, esanez hurrengo asteetan gehigarrizko orduak sartuko zituela, ordainez, soldata berarekin. Vendressek tximistak bota zizkion, lanetik botako zuela mehatxatu zuen. “Ugazaben greba balego –esan zion Dacostak–, zuk ere egingo zenuke, ezta? Lana utzi eta alde egingo nuela mehatxu egingo banizu ere bai”. Vendressek oihuka jarraitu zuen, itxura egiteagatik. Baina arrazoi hark erdi-erdian jo zuen. Oso sentibera zen justizia-kontuetarako. Municheko krisia oso larria izan zen inprimerian. “Lotsagarria, lotsagarria”, esaten zuen Dacostak, eta aho estuak ikara egiten zion bibote motz txikiaren azpian, eta begiak malkoz lausotzen zitzaizkion. “Tira, tira –esaten zion Vendressek–, zuzena izan behar da: txekiarrek tratu txarra ematen baldin bazieten sudete horiei, aizu! Hitlerrek ez du oker egin”. “Eta juduak, ez al dituzte gaizki tratatzen Alemanian? Ezer egiten al da haien alde?” Dacostak, barren-barreneko amorruz. “Ikusi egin beharko litzateke hori –esaten zuen Vendressek–. Propaganda komunista bai, hori dena”. “Eta Sudeteena ez al da propaganda? Ugazaba, ugazaba, esaten ari natzaizula: amore ematez amore emate, urruti iritsiko gara. Hiru urte barru mendean edukiko gaituzte”. “Mendean! –esaten zuen Vendressek trumoika–. Mendean! Ez al gauzkate, bada, dagoeneko mendean? Juduek eta masoiek?”. Isilune mingarri bat izaten zen ondoren. Enplegatuak, judua eta masoia bera, ironia gozo batez begiratzen zion ugazabari… Eta Vendresseri mozolo samar jokatzen ari zela iruditzen zitzaion, patrikak arakatzen hasten zen, han ez zegoela bazekien pipa baten bila, bere betaurreko biribil txikiak bere sudurtxo arrosa-kolorearen gainean ertzerago eramaten zituen, ezpainak mugitzen zituen zigarrokinek gorritutako bibotearen azpian. Gerra hasi zen. Vendressek eta Dacostak berrogei urtetik gora zituzten biek. Langile-konpainietara mobilizatu zituzten. Nik banituen ezagunak Lehenengo Bulegoan: Vendressek esku hartzeko eskatu zidan, eta, 40ko apirilean, elkarrekin jarri zituzten. Beren konpainia Compiègneko basoan ari zen lanean. Dacosta sarjentua zen, Vendresse kaboa baizik ez: bitxia iruditzen zitzaien. Ekainean, Fritzak Compiègne mehatxatzen hasi zirenean, Croix-Saint-Ouen eta Verberie bitartean zuhaitzak errepidean trabes botatzeko ardura eman zioten konpainiari. Ilunabar aldera, Oise ibaiaren eskuineko aldean blindatuen igarotzea entzuten hasi zen, eta gauza bera basoan, 332 errepide nazionalean, hegazkinek Vaudremponteko bidegurutzea bonbaz zanpatzen zuten bitartean. Zalapartan itzuli ziren Saint-Saveurreko beren kantonalekura, eta ez zuten inor aurkitu: kapitainak bere Citroënean ihes egin zuen, bere bi tenienteekin. “Zerriak –esan zuen Dacostak–. Ederra, hire elite hori –esan zion Vendresseri–. Aseguru-aholkularia, likore-saltzailea eta kakanarru zibila. Horiek abertzaleak!”. “Ez da orokortu behar –esan zion Vendressek, urduri–. Gainera, baliteke horretarako aginduak hartu izana”. Nolanahi zela ere, Dacostak hartu zuen abandonatutako konpainiaren buruzagitza, eta erretira gidatzen hasi zen. Larri-larri ihes egin zieten panzerrei, Senlis-en, Dammartin-en berriro harrapatu zituzten, gaua aprobetxatuz alde egin zuten, Marne ibaia Tribaldouko urtegitik igaro zuten, eta Pithiviers-en bereizi ziren azkenean. Atzean gelditu ziren batzuk, zulo batean arnasari buelta eman ezinda harrapatu zituzten berrogeita zortzi urteko aitona batzuk kenduta, Dacostak oso-osorik eraman zuen bere konpainia Gien-eraino. Loira ibaia igarotzean galera batzuk izan zituzten; bigarren sekzioko talde batek, etsita zegoen kabo baten gidaritzapean, alde egin zuen, gau batean, Bourges et Montluçon bitartean; nolanahi ere, azkenean, aki-aki eginda, Clermont-era iritsi zirenean, bere unitatearen bi heren baino gehiago kontrolatzen zuen oraindik Dacostak. Gudarosteko ordenan aipamen bat egin zioten. G*** jeneralak zorionak eman zizkion jende guztiaren aurrean. Pétainek aginpidea hartu zuen. “Bazen garaia!” esan zuen Vendressek. “Ba, zuk ez duzu beldurrik”, esan zuen Dacostak. “Zeren beldurra? –esan zion zaunka Vendressek–. Hura da zulo honetatik atera gaitzakeen bakarra. Lehenago deitu izan baliote… Pétain: Verdun. Zeren beldurra duzu?”. “Kaput Errepublika –esan zuen Dacostak–. Eta ederra datorkigu guri, juduoi”. Vendresse txantxetan hasi zen, bat-batean. “Juduek, badakizu kakagura ematen didatela funtsean, baina zu bezalako mutilak… Verdun eta palma adarrak… Zaharrak bertan behera utzi poiluak? Zu bai zerri galanta!”. Abuztuaren 3ko goizean desmobilizatu zituzten. Gau hartan bertan tren bat antolatu zen paristar askatuentzat. Etxeratu nahi zutenek bertan hartu behar zuten erabakia: alemanek ez zuten onartuko geroago banaka itzultzerik, esaten zuten. Erabaki larria izan zen Dacostarentzat: Fritzen oinpean jarri behar ote zuen? “Nire izen honekin, bost axola zaie Moulinserako harrapatzen banaute”. “Bai eta zera ere! –esan zion Vendressek–. Zer axola die horiei. Zaude lasai, neuk esaten dizut. Zaharra hor dagoen bitartean, ez duzu arriskurik. Ez hasi orain berriro; nirekin itzuliko zara”. Itzuli egin zen. * * * Berriro zabaldu zuten inprimeria eta, poliki-poliki, berriro hasi zen lana. Gauza guztiak ongi zihoazen, ugazabaren eta langilearen artean harremanak tirabiratsuagoak bihurtzen zirelako salbu. Vendresse garaile zebilen: “Ikusten, e, Zaharra? Hemen bertan ere, Fritzak ez dira ausartzen ezer egitera”. “Zoaz Ekialdera eta Iparraldera”, esaten zion Dacostak. “Asmakeriak” esaten zuen Vendressek. Eta horretan eztabaida mingostu egiten zen. Urtarrilaren bukaera aldera, bisita bat izan zuen Vendressek. Kide bat zen, bueno, galbanotipografo bat. Honela zihoen haren txartelean: Inprimatzaile-Grabatzaile-Koadernatzaile soldadu ohien Elkarteko kidea – Verdungo Beteranoen Elkarteko kidea. Paars deitzen zen. Gizena zen, dotoregitxo jantzia. Haren masaila lodiak, bigun samarrak, bizarra ongi moztuta, gorri samarrak zeuden, hautsaren azpian. Euriaz eta eguraldi onaz hitz egin zuten hasieran, behar den bezala, elkarren ezaguera egiteko. Eta gero: –Verdunen egon zinen zu ere, ezta? –esan zuen Vendressek (“Verdungo beteranoen” artean konfiantzaz hitz egiten da). –Bai noski –esan zuen Paarsek. –Zein sektoretan? –Ba… Verdunen, hiriburuan bertan. Iragaitzako unitateetan. –Begi-kliska bat egin zuen–. Mahuka. –A, bai… Isilune bat izan zen. –Eta zer dela-eta hemen? –esan zuen Vendressek. –Ba, begira –esan zuen Paarsek–, Verdungo Beteranoen artean bagara batzuk lanbide honetatik juduak uxatzeko garaia badela iruditzen zaigunak. Eskaera bat egin nahi diogu Vichyri. Zu gurekin izango zara, noski? Vendressek ez zuen segituan erantzun. Patrikak arakatzen ari zen, han ez zegoen pipa baten bila. Torloju zahar batzuk, giltza zahar batzuk eta manometro zaharra lekuz aldatu zituen, atzeratu ezineko gauzaren bat balitz bezala. Azkenean esan zuen, biratu gabe: –Ni Mariskalarekin beti. Ez dut uste nik esan behar diodanik zer egin behar den; hari dagokio guri esatea, eta guri hark esana egitea. Horra zer den nire iritzia. Biratu zen, bulegoko mahaiaren atzera joan zen, eseri zen. Ezpain lodiak mugitzen ari zitzaizkion bibote gorrituaren azpian. Eztula egin zuen. –Eta –esan zuen azkenean–, galbanotipografia ondo? –Ba… –esan zuen Paarsek–, nik ez daukat dagoeneko nire lantegia, hogeita hemezortziaz gero. Judu baten amarruak, beti bezala. Baina (begi-kliska bat egin zuen) ez dio poz handirik ekarriko… Hortaz –esan zuen, jaikiz–, esandakoa? Zure izena jarriko dut. –Egon, egon –esan zuen Vendressek–. Juduek kakagura ematen didate, noski. Baina… Betaurrekoak kendu zituen, garbitu zituen. Begiak txiki-txikiak zituen, betaurrekorik gabe. Berriro jantzi zituen. –Badira juduak Elkartean; ezagutzen ditut batzuk. Lastima da. –Gerran aurreko puntan egon baziren –esan zuen Paarsek, mespretxuzko keinu batek bi ertzetan dardara egiten zion barre gisako batez–, besterik egin ezin zutelako. Ez sentimenduengatik, adiskidea. –Bai, bai, jakina –esan zuen Vendressek–. Baina, nik nahiago itxaron. Mariskalak… –Zer, Mariskalak? A, bai, esan omen duen hori: “Baziren juduak Verdunen…”. Ez zara txantxetan arituko: zuk aurrez jakinarazten diezu zure bezeroei, ziria sartu nahi diezunean? Tira, tira, erabaki: izena ematen duzu ala ez duzu ematen? –Ba ez, begira, ez dut emango –esan zuen Vendressek. –Ederki –esan zuen Paarsek–. Ezin zaitut behartu. Pentsatu. Ez nuen uste juduak gogoko zenituenik. Vendressek esan zuen, bizi-bizi eta ernegatuta bezala: –Ez ditut gogoko –gero, ahots bareago batez, zalantza pixka batez–: baina gogaitu egiten nau… Pétainek esaten digunean… –Zaude lasai: ez duzu luzaro itxaron beharrik izango. Paarsek hitz batzuk trukatu zituen oraindik Vandresserekin, jendetasunezkoak, helbururik gabeak, eta alde egin zuen. Vendresse luzaro egon zen bere bulegotxoan hara eta hona. Azkenean berriro lantegian sartu baino lehen, azken begiratu bat egin zion hormaren erdian zegoen Mariskalaren kolore naturaleko erretratuari. “Gorroto ditut gezurrak…”. Sartu eta Dacostari begiratu zion; jakinarazpenak ari zen pasatzen pedalezko prentsatik. Lantegian ere bira batzuk egin zituen, bere patrika pipa mitiko baten bila arakatuz. Ezpain lodiak mugitzen ari zitzaizkion. Dacostari begiradak egiten zizkion zeharka. Bukatzeko, ez zion ezer esan. * * * Dacosta gerra baino lehentxeago ezkondua zen. Aurki hiru urte betetzekoa zen seme bat eta hogei hilabeteko alaba bat zituen. Montparnasseko hilerrira jotzen zuen etxe apain, garbi eta eguzkitsu batean bizi ziren, Froidevaux kalean. Igandean pozez hartzen zuten Vendresse, elkarrekin bazkaltzeko. Leiho aurrean, bazen terraza gisako zertxo bat, zinkez estalia, burdinazko itxitura batekin. Eguraldi ona egiten zuenean, han hartzen zuten kafea Vendressek eta Dacostak. Ados zeuden hilerri bat ez dela gauza tristea. Igande batean, hamaikak inguru horretan, Vendresse bizarra mozten ari zen, abiatu baino lehen; atea jo zuten. Paars zen. A, ez hartzeko lanik, bukatzeko bizarra moztea: pasabidezko bisita besterik ez zela, berriketa pixka bat egiteko, horra. Paarsek alde bateko zuntza ageri samarrean zuen larruzko besaulkian pausatu zuen bere ipurdi gizena, patxada ederrean. Beso lodiak non jarri ez zuen asmatzen oso ondo, itxuraz. Kokospe guri, zaldarrez betea, ez zitzaion kabitzen tximeketa-korapilo batek dotore-dotore apaintzen zuen lepo almidoiztatuan. Begi bitxi samarrak zituen, betazalen barruan gaizki kokatuak, platuxa batenak bailiran. –Zer –esan zuen barre eginez–, judututa oraindik ere? Vendressek purrustada bat edo barrea, edozer izan zitekeen zerbait egin zuen xaboi-aparraren azpian. –Ikusi duzu, ezta, Mariskala –jarraitu zuen Paarsek–; e, zer esaten nizun nik? Ikusi dituzu Vichyko legeak? –Pétainek ez du egiten berak nahi duena –esan zuen Vendressek–. Lege horiek, berak ez zituela onartzen, esan omen du, dirudienez. –Baita zera ere –esan zuen Paarsek–. Begiratu hau: ezagutzen duzu? Botoi-zuloa erakusten zion. Vendressek gerrako aizkora zela ikusi zuen. –Hau ez du nahi duenak –esan zuen Paarsek. –Jende handien artean zabiltza? –galdetu zion Vendressek. –Pixka bat bai. Kobrearen banaketan nago, egon. Grandetek jarri nau horretan. Ezagutzen duzu? Ez? Zuk ere bazenuen aukera: buruetakoa zen Verdungo Beteranoetan, eta baita Deloncleren ligan ere, badakizu (barre egin zuen), sinarkia, la Cagoule, beraiek dioten bezala… Mariskalari nire izena aipatu zion. Esan beharra dago ondo ezagutzen dudala inprimeriaren egoera, ikuspegi politikotik, jakina. Eta Grandetek operazio handiak egiten ditu, gainera, kobrearekin, eta nik lagundu diezaioket. Laburtzeko, zure Mariskal hori, ikusi dudala. Grandetek esana zion, nik banituela ideia batzuk, lanbide honetako gai handiak deszentralizatzeari buruz… Juduez ere hitz egin nion, ikusten, eta… Nik esan nion: “Triskilatu egin behar dira, horiek”. Eta hark: “Zuk dakizu zer egin behar den zure alorrean”. Nik esan nion: “Zurrumurrua dabil, Mariskal jauna, babestu egiten dituzula pixka bat, gerran soldadu izandakoengatik”. Irribarre egin zidan, ohi duen bezala, badakizu: begi bat zertxobait kliskatuz. Eta esan zuen: “Sentsibilitate publikoa zaindu beharra dut nik. Jende guztia ez da iritzi berekoa Frantzian. Nik ezin dut esan nire iritzia mugarik gabe. Egoera zaila da nirea”. Eskua bizkarrean jarri zidan, bai jauna. Lagun zahar bati bezala. Eta esan zidan: “Jokatu beti Herriaren onerako. Eta zure ondoan izango nauzu beti”. Ikusten duzu, bada. Beraz, eskrupulurik baldin bazenuen… –Ba, adiskidea –esan zuen Vendressek–, horrek ez du ezer esan nahi, nik uste. Pentsa liteke… uste izan liteke… Azkenean, animua eman dizu, animurik eman gabe, baina animua emanez aldi berean. Ez dago batere garbi, hori. –Zuk zer behar duzu, bada! –Hori baino gehiago, bai horixe. Edozer gauza esan nahi lezake hark esan dizunak; zer nahi duzun, huraxe. –Nolanahi ere –esan zuen Paarsek zakar, ia bortitz samar– “Zuk dakizu zer egin behar den zure alorrean”, hori behintzat garbi esan zidan. Beraz… Azkeneko hitz hori eskuaren keinu arin, estu eta erabakigarri batez lagundu zuen. Bere jaka-barnekotik bi zigarro puru atera zituen, bat Vendresseri eskaini zion. Hura pizten zuten bitartean, mutiko zintzoaren irribarre gisako batek areago zabaldu zuen Paarsen aurpegi zabala. –Beste gauza batez ere hitz egin nahi nizun. Badut interesa mutil gazte batekin… Hamasei urte ditu. Oraintxe aterako da eskolatik. Ama… ba, beste batean esplikatuko dizut. Nire lantegiko daktilo gazte bat, nik zera… Ba, hori, haur hori izan zuen; etorkizuna segurtatu nahi nioke. Eta pentsatu dut… Jaka gainera erori zitzaion errauts pixka bat behatz erakusleaz kendu zuen. Kontu handiz hazka egin zuen oihalean. –-Zure lantegian jardutea, horixe komeniko litzaiokeela iruditu zait. Areago, gainera… Mutiko zintzoaren irribarrerik zabalena eskaini zion Vendresseri. –Zu mutil zaharra zara, aurki hartuko duzu erretiroa. Ikusten duzu zein ongi etorriko litzaizukeen. Vendressek betaurrekoak kendu zituen, garbitu zituen; bere sudurtxo arrosaren puntan jarri zituen berriro. –Bai, bai, ulertzen dizut –esan zuen–. Baina… Jaiki zen, gela barreneraino joan zen propagandako errauts-ontzi baten bila, bien arteko mahai gainean jarri zuen, eta han astindu zuen bere zigarro purua. –Jakinean egongo zara, noski, ez nagoela bakarrik? –Jakina, jakina –esan zuen Paarsek. Emekiro ferekatzen zituen zaldarrez eta hautsez tantokatutako masailak. Esan zuen: –Dacosta hori, judua da, ezta? –Ez, ez da –esan zuen Vendressek. Soseguz hitz egiten zuen. Bere besaulkian hondoraino sartuta, geldi-geldi zegoen, zigarroari ahokada geldiak kenduz. –Izen horrekin? Harritzekoa da –esan zuen Paarsek–, nik uste nuen… eta ez al… Ez al zuten Italiatik bota, bere garaian? –Bai, aspaldi. Baina horiek bere kontuak dira. Hemen oso ongi portatzen da. Eta oso pozik nago berarekin. –Ongi da, ongi da, hainbat hobeto –esan zuen Paarsek. Bizpahiru ahokada hartu zituen, hitz egin gabe. –Hainbat hobeto, hainbat hobeto –errepikatu zuen–. Lastima da. Eta amorrua ematen dit. Mutila zail samarra da inon sartzeko, gauza batzuetarako atzeratu samarra da. Eta ama hor ari zait… Bai, zurea bezalako negoziotxo bat, horixe bai letorkiokeela ederki. Baina, utz dezagun. Zuk zure Dacosta hori estimatzen duzunez. Zigarro puruaren muturra errauts-ontzian zapaldu zuen, eta irribarre eginez gehitu zuen: –Badakizu zer ari zaren egiten, ezta? Vendressek ere irribarre egin zuen, eta amore eman gabe eutsi zion platuxa-begien begirada kezkagarriari. * * * Berandu samar iritsi zen Froidevaux kalera. Ez zen oso berriketatsu egon; bitartean Dacosta andrea pertsona nagusien mahaiaz eta haurtxoen eskariez arduratzen zen. Vendressek maiz begiratzen zion. Haren aurpegi finak, irribarretxo lotsatizko ezpainekin, bere begi beltz sakon, ia beti busti samarrekin, halako aita-samurtasun bat eragiten zion betidanik. Gaur, hala ere, inoiz baino hauskorragoa iruditzen zitzaion aurpegi hura. Bazkaldu ondoren, Dacosta andreak bakarrik utzi zituen bi gizonak zinkezko terrazatxoan. Isilik egon ziren erretzen. Udazkeneko laino arin batek malenkonia eguzkitsu batez lausotzen zuen hilerria. Dacosta ugazabari begira zegoen, hura bere zigarroaren keari begira. Dacosta andrea etorri eta kafea atera zien. Berriro alde egin zuen. Isilik edan zuten. Dacostak zigarro bat prestatu zuen. Vendressek pipa bete zuen, arreta handiz. –Badira alu galantak lur honetan –esan zuen azkenean. –Bai… –esan zuen Dacostak, eta ez zuen gehiagorik erantsi. Vendressek pipa piztu zuen, pipakada sail bat eman zion, ondo pizteko. Esan zuen: –Gaur goizean bertan ikusi dut bat; jota dago zeharo. –A! –esan zuen Dacostak. –Are eta aluago… –hasi zen Vendresse, baina Dacostak txantxa-girozkoa iruditu zezakeen begi batez begiratzen ziola ikusi zuen, eta ez zuen bukatu. Eta Dacosta andrea etorri zen, gainera. Bi gizonen ondoan eseri zen. Solasa hiruren artean hasi zen berriro, adore gutxi samarrez. * * * Ondoko egunetan, gutxi hitz egin zuen Vendressek. Aurrera eta atzera ibiltzen zen, gauzak ordenatzen. Lana atzeratzen hasi zen. Dacosta ez zen ohartzen, edo ezikusiarena egiten zuen. Hurrengo asteko astelehenean, hamarrak inguruan, Vendressek bat-batean bere kapela jantzi eta lagun bat ikustera joan zen, Alesia kalera. Hartaz eta honetaz hitz egin ondoren, Vendressek esan zion: –Zergatik atxilotu dute Whemer? –A! –esan zuen besteak–, pentsatzen ahal duzu. –Vendresseri aurpegia gorritu zitzaion. –Bai, bai, jakina… Baina esadazu zuk. Ez zitzaion gustatzen Whemer hura. Paper-saltzaile xume bat zen, jakinarazpenetako paperetan espezializatua. Adin jakinik gabea. Zikin samarra. –Ez zuen erabiltzen izarra. Bere paperak faltsutu egin zituen. –Eta Fritzek harrapatu dute? –galdetu zion Vendressek. –Bai zera. –Frantsesek? –Jakina. Esan beharra dago bezero asko zituela. Eta ez dira denentzat galduak. Ulertzekoa ere bada; zer nahi duzu, bada. Euliak bezalaxe borborka zebiltzan, pollack horiek guztiak. Badakit zuri ere ez zaizkizula askorik gustatzen. –Ez –esan zuen Vendressek–. Baina horrek ez dio axola, gauza itsusia da, edozeinetara ere. Passage d'Enferrera itzuli zen. Berriro gelditu zen Raspail bulebarrean, ongi ezagutzen zuen zerrenda beltz batez inguratutako afixa gorriaren aurrean: bahituran fusilatutako hamar komunisten eta beste horrenbeste juduen izenak agertzen ziren han. Dacosta bere kaxan ari zen; publizitateko orri bat ari zen konposatzen, eta muturtuta zebilen, Mariskalak deituta presoen alde egiteko manifestaldi baterako zelako. (Goiz hartan bertan eztabaida bat izan zuten haren kontura). Vendressek geldiro kendu zituen kapela, berokia; eta eskuak patriketan zituela ondoratu zitzaion, bere hanka txikien gainean balantza eginez. Eztula egin zuen. –Ba, aizu… Dacostak begiak jaso eta kezka eta beldurra samurtzeko moduan ageri ziren on-aurpegi biribilera begiratu zion. Irribarre egin eta esan zion: –Zer, gertatu da? Ospa egin beharra dut? Vendresse arnasarik gabe geratu zen. Ahoa zabaldu zuen, eskua jaso zuen, ez zuen ezer esan. Dacosta bere lanera itzuli zen berriro, lasai-lasai. –Ez zenuen bada usteko ez nekiela zer ari zen egosten… –esan zion–. Ez al nekien bada, lehenengo egunetik bertatik, honela bukatu behar genuela? Zu, zure Pétain horrekin… –Utzi Pétain bakean –esan zuen Vendressek–. Pétain ez da honetan sartzen. Hark ez du errua alu hauek… –Ez gara mokoka hasiko berriro agure kaskagogor horrengatik –esan zuen Dacostak–. Ongi ulertzen badizut, airea osasunerako kaltegarri bihurtu zait hemen niretzat? –Beldur naiz, bai. Paars zerri hori alu zital bat da. Eta ni ergela galanta: izena judu gisa emateko aholkatu nizun, eta begira orain… –Zaude lasai: okerrago ez naiz egongo. Denoi iritsiko zaigu, egia esaten dizut, lehenago edo geroago. Baliteke hobeto izatea, gainera, orain okertzea gauzak niretzat; geroago okerrago izango litzateke agian. –Paarsek bere daktilografoari egin zion eta semetzat hartu nahi ez duen atzeratu batentzat nahi du zure lanpostua; ez daki zer egin hartaz, inork ez baitu horrelako zaborrik nahi. Eta garbi ulertu diot, gainera, nahita edo gogoz kontra, prezio on batean erosi nahi didala lantegia, geratzen zaizkidan ileak bere ergel horri lanbidea erakusten zuritzen zaizkidanean. Eta hori dena, legeak gorabehera, nirekin lanean eduki zaitudalako. Harrapatuta gauzka. –Zer egingo dugu, hortaz? Itxiko dugu? –Ez –esan zuen Vendressek–. Ixten badut, Paarsek hartuko du lantegia. Eta ez du hartuko, bada, ez ni bizirik naizen artean behintzat. Zuk ihes behar duzu. Moldatuko naiz, zu gabe, behar den denbora guztian. Oraintxe atera bazina bezala utzi zure gauzak. Adiskidea, egon seguru: zuretzat izango da lantegi hau, zuretzat eta zure semearentzat. Alferrik ibiliko dira Fritz edo judu guztiak. Dacostak beso artean hartu eta besarkada bat eman zion. Eta esan zion: –Lastima da, hala ere… –Zer? –Zu hain tipo jatorra izanda, hain erraz engainatzen uztea. –Nork? –Tartufo horiek. Tartufo nagusiak lehendabizi; ez dut izenik esango une eder hau ez hondatzeko. Une ederra da-eta. Azkeneko une ederra, beharbada. Tira –esan zuen–, orri hau bukatuta utziko dut behintzat. Gero nire fardelak prestatzera joango naiz. Bere kaxarantz biratu zen. Vendressek esan zion. –Erakutsi dokumentazioa. –Dokumentazioa? –Bai, nortasun-agiria. Dacostak luzatu egin zion. Vendressek begiratu zuen eta esan zion: –Beste bat behar duzu. Honekin, eskualde libreetan ere arazoak izango dituzu. Dacosta zain zegoen. Irribarrea ateratzeko prest zeukan ezpainetan, baina eutsi egiten zion. –Amorratzen nau hau egin beharrak, gorroto dut –esan zuen Vendressek–, baina berria egin behar dizut. Bai, amorratzen nau, amorratzen nau. Paars alu hori ez balitz… Kaxatxoetan atzaparka ari zen, letren bila. Ereduarekin alderatzen zituen. Dacostak irribarrea agerian zabaltzen utzi zuen. Vendressek ahopeka errepikatzen zuen: “Amorratzen nau. Faltsutzaile bihurtu, nire adinean. Eta azkenean garbi dagoen Frantzia batean. Amorratzen nau”. Haren behatz lodikoteek arin zerabilten konposizio-erregela. Dacostak esan zuen: –Baina zigilua, zer? –Dios, egia da-eta, zigilua. –Ez kezkatu –esan zuen Dacostak–, badakit non jarriko didaten. –Zigilu faltsua? –Bai, zigilu faltsua. –Baina, hortaz, dokumentu faltsuak… –Asmatuko dut non bilatu, bai. Baina poztuko nintzateke, ikaragarri poztu ere, zuk egindako bat edukita. Irribarrez ari zen oraindik. Vendresse gorritzen hasi zen, behatzak zalantzan ari zitzaizkion. –Haurrez arduratuko zara? –esan zion bat-batean Dacostak. Ez zen irribarrez ari. Begiak triste zituen. Vendresseren behatzek lanari ekin zioten berriro. –Bai. Badakizu hori. Lasai joan zaitezke. –Lasai… –esan zuen Dacostak–. Haiek ere juduak dira, eta ama ere bai. Pentsatzen ari naiz… Vendressek begiratu eta esan zion: –A! Hori behintzat ez! –Lehen ere huts egin duzu –esan zion Dacostak. Vendressek isilik bukatu zuen bere lerroa. Ezpain lodiak mugitzen ari zitzaizkion. Eta esan zuen, marmarka: –Huts egin, huts egin, Paars zerri hori bezalako alu bat topatzeko zoritxarra gertatu delako, hori izan da. Zu burutik zaude. Emakume bat, haurrak! Sinets iezadazu, eta zoaz lasai: Zaharra hor dagoen bitartean… –Hura hor dagoen bitartean, ni ez naiz bakean egongo, ez horixe. Baina zu, arduratuko zara zu haiez? Ez diezu utziko gaitzik gertatzen? –Sasoian eta musugorri aurkituko dituzu, hitz ematen dizut. Orain, zoaz. Nik eramango dizut dokumentazioa etxera. Zuk alde egiten duzunean, ni geratuko naiz zure emaztearekin. Dacostak ugazabari begiratzen zion. Begiratu egiten zion. Behatz batez behin eta berriro igurzten zuen bibote laburra. Tik arin batek uzkurtu zion ezpain-ertza bizpahiru aldiz, ezkerreko eskuak halako etsipen lauso bat inskribatzen zen biribil estu eta malgu bat marrazten zuen bitartean izterraren parean. Vendressek hori dena ikusi zuen, eta zertxobait zurbildu egin zen. Dacostak irribarretxo bat egin zuen, hala ere. Vendressek ere irribarre egin zuen. –Ongi da –esan zuen azkenik Dacostak–. Funtzionatuko du. Bizkarra eman eta atera egin zen. Vendresse marmolaren gainean eseri zen, hankak zintzilik, kokotsa eskuen artean. II Nola bururatu ote zitzaion niregan laguntzarik aurkituko zuela? Ez dakit. Lehenago beti Dacostaren alde jartzen nintzelako, bere kontra; beharbada. Kontua da, nire atea jo zuela goiz hartan. Haren begiak! Vendressek begiak urdinak ditu; begi urdin xaloak. Goiz hartan beltzak zeuzkan. Nola zitekeen ez dakit esplikatzen. Ongi begiratuz gero, urdinak ziren, beti bezala; baina beltzak zirela ziruditen. Halaxe esan zuen, tanpez: –Panfletoak inprimatu nahi ditut. Eseri eta putz egin zuen, eta belaunak igurzten hasi zen. –Hara –esan nion nik–, hauxe gauza berria. Hark, ahots bitxi batez: –Bai, hauxe gauza berria. Pentsatzeko denbora hartu nahi nuen. Esan nuen: –Ederra egin behar duzu! Zu bezalako aspaldiko leialetako batek? Pétain-salbatu-Frantzia, Mariskala-hemen-gauzkatzu, Goazen-buruzagiaren-atzetik, Frantzia-frantziarrentzat besterik ez zuen batek? Ongi entzun dut, ala belarrietako burrunba izan da? Ez zuen ezer esan. Hantxe zegoen, lasai, geldirik, kezkagarri samar, niri begira. Begiak beltzak zituen. Erabakia hartu nuen. –Panfletoak –esan nion–. Ederki. Egin daiteke zerbait. Badakizu zer arrisku hartzen duzun? –Bai –esan zuen. –Oi! –zehaztu nion–, ez da fusilatua izateko arriskua bakarrik. Galdeketa egitekoa ere bai, nire izena, edo beste batzuena, emateko, adibidez. Zalantza pixka bat egin zuen, eta esan zuen. –Zer egiten dizute? Nire besaulkian atzera etzan nintzen, eskuak eta belaunak nagi gurutzatuz. Esan nuen: –Ba, begira, azkazal azpian egur-ziritxoez ziztatu eta su eman, adibidez. Edo eskua geldiro-geldiro xehatzen dizute, prentsa batean sartuta. Edo horrelako gauzak. Edo bi edo hiru egunez segidan egiten dizute galdeketa, etengabe, itsutzen zaituen argi baten azpian. Edo… –Aski –eten zuen, eta gogoetan ari zela zirudien. Esan zuen: “Ni minbera samarra naiz, ez naiz oso kementsua. Baina, hala ere, uste dut…”. Ate gainetik begiratu zuen, zerbaiten bila ariko balitz bezala. Esan zuen: “Argiarena, noski… Hiru egunez begien aurrean…”. Hots bitxi bat egin zuen, bere ezpain lodiez. “Ia itsutu behar duzu, ezta?”. Esan nion: “Baietz egingo nuke”. “Eta, a zer buruko mina, Jaungoikoa?”. Buruko min handiak izaten zituela gogoratu nintzen, eta ulertu nuen zergatik kezkatzen zuen argien ideia hark (ongi ezagutzen zuen oinaze hura). Hozbera zela gogoratu nintzen orduan, eta esan nion: “Eta ur izoztutan sartzen zaituzte, behin eta berriro, ordutan eta ordutan”. Geldiro esan zuen: “Ur izoztutan…”. Burua mugitzen zuen, begiak noraezean zituela. Begiratu zidan, eta serio esan zidan: “Ongi, ongi, ongi…”. Nik leunki esan nion: “Eutsiko diozu?”. Haren begiak urdinak iruditu zitzaizkidan. Esan zuen: “Eutsiko diot”. Jaiki nintzen. Begiratu egin nion: –Zer gertatu da? Eztanda egin zuen. Aurpegi-aurpegian jo izan banu bezala. Gorritu egin zen, zurbildu gero. Jendeak, bihotzean bala bat sartu diotenean, lurrera erori baino lehen jartzen omen duen harridurazko itxura horrekin begiratzen zidan. Ahapeka esan zuen azkenean, begiak lurrera begira: –Eraman egin dituzte. Haurrak eta emaztea. –Dacostarenak? Buruaz baietz egin zuen, eta begiak nireganantz jaso zituen. –Dacostarenak. Dacostaren emaztea eta haurrak. Haurrak alde batetik, ama bestetik. Amak bere burua leihotik behera bota nahi zuen. Ez diote utzi. Nik… Belaunei heltzen zien. Haren begiak nireetatik zintzilikatu ziren. Tinta bezain beltzak iruditu zitzaizkidan berriro. –Astopitoa. Astopito galanta. Sinistu egin diet gaizkile horiei guztiei. Dacostak abisatu zidan. Abisatu zidan, abisatu zidan. Banuen… obligazioa nuen… obligazioa… Jaiki eta gela hara-hona neurtzen hasi zen. Argitan ikusi nuenez, bizarra moztu gabe zuen; ezin sinistuzkoa harengan. Lepoaren alde bat igurzten zuen, geldiro eta astun, gorritzeraino. Malkoak jausten zitzaizkion, banan-banan, sudurrean behera; bibote lodian galtzen ziren. Barregarria zen, eta patetikoa. –Etxetik atera izan banitu, edo nire etxera ekarri lotarako, edo beste edozer gauza. Baina ez nuen sinesten. Nola sinetsi, izan ere, Dios… Bat-batean niregana itzuli zen: –Badakizu zer erantzun didan? –Nork? Bekainak jaso zituen eta esan zidan: “Bai, jakina…” Berriro ibiltzen hasi zen, ispiluaren aurrean gelditu zen, bere buruari begiratu zion, bere aurpegia malkotan ikusi zuen, eta barrez hasi zen. Lazgarria zen. –Nirera etorri ziren lehendabizi, herenegun, ez, orain dela hiru egun. Hura saltsa! Nire berunak hortik zehar, dena oinpean. Zeren bila? Suntsitzeko gogoa, besterik ez. –Nork? Berde-grisak? –Bai zera!… Esaten zidaten: “Zuk, Verdungo Beterano batek!”, kakaumeak ziren; eta nik esan nien: “Zuek zer ikusirik duzue Verdunekin?”. Haserretu egin ziren: “Gu Mariskalaren zerbitzuan gaude!”. Nik esan nien: “Ni ere bai” Eta esan zuten: “Ez du ematen! Non dago judu hori? Urruti ez da, bere gauzak hemen ditu-eta”. “Bilatu”, esan nien. Gazteenak, ilea eskuila moduan moztuta zuen pikortaz betetako txikitxo batek, esan zuen: “Bost axola, gainera. Bera harrapatzen ez badugu, emaztea eta umeak eramango ditugu”. Barre egin nion. “Egin aproba”, esan nion. Begira gelditu zitzaidan. Sudurtxoa, betaurrekoen azpian, gorria zuen. –”Egin aproba”, esan nion –errepikatu zuen, eta begiratu egiten zidan–. Eta txantxetan ari nintzen –esan zuen bortizki, eta hortzen karraska entzun nion–. Tournier, Verdungo Beteranoetako idazkaria oso ongi ezagutzen dut-eta –eten bat egin zuen, eta berriro esan zuen–: Oso ongi ezagutzen dut Tournier –ahots sor batez, irri-murrika, ja, ja batzuk egin zituen, lehor, bizkor, erdi-barre erdi-haserre. Burua mugitzen zuen–. Salto batean joan nintzen hara, segituan –esan zuen–. Dacostaren dossierrarekin: Verdun eta gainerako guztiak. Gertatutako guztia bota nion, eta esan nion: “Hura bezalako soldadu zaharra, gehiegitxo ere izango litzateke, ezta?. Ez da arriskurik izango, horixe behar dugu?” Irribarrez esan zidan: “Ez, ez, oraintxe konponduko dugu hori”. Eta hala, biharamunean, ezer ez. Atzo, ordea… Gelditu egin zen. Bizkarra ikusten nion. Bizkar handi, zabal, on huts bat, konkortu samarra. Ez nizkion eskuak ikusten, baina besoen mugimendua ikusita, estutzen eta askatzen ari zela sumatzen zitzaion. Zaldiaren mugimendu batez jaso zuen burua (kokote lodi, arrosa-koloreak txitxi-kuxin bat egin zion) eta sudur-hurrupada bat entzun nion. Berriro burua erortzen utzi, eta mahaian bermatu zen. Bizkarra ematen zidan oraindik. Amorru eutsizko, zotin isilduzko mugimendu errepikatu batez jotzen zuen idazmahaia ezin itxi zuen ukabiltxoaz. –Okindegiko andre xaharrak… –hasi zen esaten, baina ahotsa eztarrian ito zitzaion, eta zintz egin behar izan zuen (ondo abere bitxiak gara: hain barregarri zegoen bere sudurtxo gorritik puzka, non, bai, kosta egin baitzitzaidan irribarrerik ez egitea. Eta bihotza estuturik nuela, hori)–. Ate joka ari zitzaidan –jarraitu zuen–. Goizeko zazpietan, aizu! Esan eta esan ari zen: “Vendresse jauna! Vendresse jauna! Badaramatzatela!”. Eta nik oihu egin nion: “Nor?” Baina ez zuen erantzun beharrik izan: kolpetik jaiki nintzen ohetik. Artean ilun zen. Baina jantzi behintzat egin behar nuen! –esan zuen itsustuko ote nion beldur balitz bezala. Begiak ezker-eskuin joaten zitzaizkion; Souverbieren koadrotxo batean gelditu ziren, hiru emakume antzinako modura, hiru emakume lotan; halako sosegua darie arrasto soilei, non betierekotasunera iristen baita, heriotza bezain atsedengarri ikusten da. Vendressek koadroari begiratzen zion, ikusi gabe seguru asko; haren ezpainek dardara egiten zuten bibote gorrituaren azpian. Bazirudien zalantzan zegoela espazioaz eta denboraz gaindiko sosegu hura gantzua ala sufrikarioa zen bere arima oinazetuarentzat. –Berandu iritsi nintzen, jakina –esan zuen–. Haurrak eramanak zituzten dagoeneko, Jainkoak daki nora. Ama… –eztul arraro bat egin zuen; min egin zidan: zotin eta oihu eutsiz betetako algaratxo bat–. Oihuka ari zen; aurpegian jotzen zuten isilarazteko. Lasterka joan nintzen, oihuka, baina… –kokotsa jaso eta urdinez eta arrez inguratutako ubeldu bat erakutsi zidan– espaloi-ertzean esnatu nintzen. Autoak joanak ziren dagoeneko. Pikortaz betetako txikitxo beltzarana iseka eginez zegokidan begira. “Ikusi, egin dugu aproba”, esan dit; beste zerbait ere esan zuen alemanez, eta harekin ziren bi Fritzek ere barre egin zuten. Hantxe utzi ninduten. Jendeak jaikitzen lagundu eta farmaziara eraman ninduten. Ez zuten ezer esaten. Inork ez zuen ezer esaten. Bat-batean hain nekaturik zirudien, non eseri egin behar izan baitzuen. Nire besaulki sakon baten ertz-ertzean eseri zen, egiazko atsedenik hartu ezin balu bezala. –Verdungo Beteranoetara joan nintzen korrika, jakina. Eta, jakina, inor ez. Tournierrik ez, jakina. “Kanpoan da, bidaian. Jakinaraziko dizugu”. Nik esan nien: “Lehendakaria ikusi nahi dut”. Begiak biribil-biribil jarri zitzaizkien: “Lehendakaria?”. “Lehendakaria, bai, Lehendakaria!” esan nien, oihu egin nien. Ahaztuta neukan nor zen Lehendakaria, benetan: ahaztuta neukan Zaharra zela. Eta gero gogoratu egin nintzen. Oihuka jarraitu nuen, norbait ikusi behar nuela, berdin zidala nor, arduradunen bat. Gela batera eraman ninduten. Ordu erdi bat, ordubete itxaronarazi zidaten, ez dakit zenbat. Dena txiki-txiki egiteko nengoen. Azkenean tipo bat etorri zen, nahigabeturik zirudien, oso zeremoniatsu eta nahigabeturik. Dossierra atera nuen, murduska ari nintzela uste dut. “Bai, badakit, Tournier jaunak esan zidan”. Eskuak jaso zituen, atsekabetu-itxuraz: “Ez dago zer eginik”. Ni oihuka hasi nintzen berriro; hark: “Ixo… ixo…”, eta azkenean papera atera zidan. Kosta egin zitzaidan ulertzea. Tipoak esplikatzen zidan, baina ez nion ulertzen. “Ikusten duzu, ezin dugu guk hartu horren ardura”, esaten zidan. Haren behatzak esaldi bat azpimarratzen zuen, esaldi bera beti, baina hitzak ez zitzaizkidan sartzen buruan. Aipatu legeak dioenaren arabera, judu arrazakoak diren Elkarteko kideak hartatik ezabatuak izango dira, erabat. Horren ondorioz, bada, ezingo dute, 1. arrazoitzat eman… Ulertu nuen azkenean, eta orria itzuli nuen, sinadura ikusteko. Lehendakariaren sinadura. Hantxe zegoen, sinadura. Hantxe zegoen”. Oihuka esan zuen: “Hantxe zegoen!” eta bat-batean goibeldu zitzaion ahots batez: “Horra”. Berriro errepikatu zuen: “Horra. Horra” –ahoa okerturik zuela jaso zuen aurpegia nireganantz, eta Pétain bera banintz bezala begiratuz, aurpegira esan zidan oihuka, azkeneko aldiz: “Horra!”, eta bizkarra jausi egin zitzaion berriro, ukabilak begietan hondoratu zitzaizkion, eta ni leiho ondora joan nintzen, bakar-bakarrik negar egin zezan uzteko. * * * Oso nahigabeturik nengoen. Pikutara zuhurtziak! Baina onik atera banaiz, eta nire inguruan inor atxilotu ez badute, zuhurtasun setati honi esker izan da, zalantzarik gabe. Atsekabegarria zen, baina esan beharra zegoen. Nahikoa zintz egin eta begiak xukatu arte itxaron nuen, eta esan nion: –Adiskidea, lastima da, baina ezin izango da. –Zer? –esan zuen –Panfletoak –esan nion–. Ezin dituzu inprimatu panfletoak. Ulertuko duzu erreta zaudela. Kontu guztiak bilatuko dizkizute. Arriskutsua izango litzateke zuretzat, niretzat, denontzat. Une batez begira gelditu zitzaidan eta jaiki egin zen. Espresio bitxi bat zuen aurpegian, lehendabiziko aldia zen halako espresioa ikusten niona. Ezezaguna iruditzen zitzaidan, nire Vendresse. Sosegu handiz esan zuen: –Ederki. Ongi da, ulertu dut. Beste norabait joango naiz. Dacostaren lagunak ikustera joango naiz. Oraingo honetan ezin izan nuen irribarre egitea eragotzi: –Dacostaren lagunak, Vendresse? Boltxebike horiengana? Ez zuen irribarre egiten, ez zuen barre egin, esan zuen: –Bai, boltxebikeengana. Coninck-engana joango naiz. Irribarre egiteari utzi nion; biziro esan nion: –Ez!” –Zergatik ez? –esan zuen Vendressek. Ate-parean zegoen. –Zatoz hona –esan nion–. Ezin duzu ez Coninck ez beste inor ikustera joan. Coninck barruan dago. Isilune bat izan zen. Geldiro esan zuen: –Coninck barruan dago? –Bai –esan nion–. Aspaldi. Hiru hilabete bai, edo gehiago. –Hiru hilabete… baina Dacosta… –Jakina –esan nion leun–, zuri ez zizun esan. Ezin zizun esan zuri, garai horretan. Aurpegia luzatu egin zitzaion. Zoritxarreko itxura jarri zitzaion, ezin sinetsizkoa. “A! –pentsatu nuen–, hainbat okerrago. Bilatuko dugu moduren bat, zerbait, gauzaren bat”. –Entzun –esan nion ozen–, zu ez kezkatu. Ez zaitut bazterrean utziko. Zoaz etxera, eta itxaron. Bidaliko dizut norbait. Hitz ematen dizut. Baina ez egin ergelkeriarik. “Egia baita –esan nuen berriro neure baitarako (aitzakia baten moduan). Hobe dut nire gerizpean eduki”. * * * Premiak eta zirkunstantziek ideia asko ematen dizkizute. Berehala aurkitu nuen Vendresseri, arrisku handirik hartu gabe, ongi egokituko zitzaion “gauza”: dolu-jakinarazpenak. Lagunekin hitz egin nuen, eta oso polita iruditu zitzaigun ideia; era guztietako abantailak zituen gainera: panfletoak ongi banatuko zirela (nola egiaztatu behar zuen postetxeak egunero milaka eta milaka postara bidaltzen eta banatzen diren jakinarazpen horietako bakoitza? ); Vendressek lehenengo hilabeteetan, pilatuta eduki behar ziren bitartean (geroago baizik ez baitziren banatuko) bere inprimerian lasai-lasai inprimatzeko aukera. Hogeita hamar eredu prestatu genituen; izena beti, letra handiz, eta azpian, letra txikiz, saltsa guztia… Ederki pasatu genuen lan horretan. Hiru hilabete horietan, beldur nintzen bezala, bi aldiz miatu zuten Vendresseren inprimeria. Ez zuten ezer aurkitu. Nahiz eta jakinarazpen-pakete mordoska bat izan han, egiazkoak eta gezurrezkoak. Baina inori ez zitzaion bururatu haiek irakurtzeko ideia bitxia. Hiru hilabeteak bukatu eta hogeita hamar ereduetako bakoitzetik hamarka mila botatakoan, banatu behar genituen asteetan geldi-geldi eta isilik egoteko agindu nion Vendresseri. Hura bukatutakoan beste lan bat emango niola hitz eman nion. Lasai nengoen. Labiche, nire harremanetarako bitartekaria, egunero etortzen zen, gertaeren berri ematera, nola zeuden gauzak taldearen barruan eta baita inguruan ere. Halako batean, berriematean, esan zuen: “A! Vendresse”. Esan nuen: “Zer?” Esan zuen: “Barrura eraman dute”. Bihotza estutu zitzaidan. Paars bururatu zitzaidan segituan. “Salaketaren bat?”, galdetu nion. –Seguru asko –esan zuen Labichek–, baina berak ere ergelkeriaren bat egin duela uste dut. Pakete bila joaten zitzaizkionei hitzak atera nahi izaten zizkien, haiek esan didatenez. Jainkoak daki zer talderekin harremanetan hasi zen. Herenegun miatu zuten: Gestapo… Ergela izan behar, hirugarren aldia zuen, pentsatzen ahal zuen… Inprimeria panfletoz leporaino zegoen. –Ez ziren gureak? –esan nion, txunditurik. –Ez, ez ziren gureak. Non zegoen arrastoa jarraitzea lortu genuen, espetxez hiru aldiz aldatu bazuten ere. Nik etxetik alde egin beharra izan nuen, jakina: ez nintzen fidatzen argiaz eta bainu hotzez. Baina ez zuen ezer esan. Torturatu egin zutela jakin genuen, hala ere. Papertxo bat bidaltzea lortu zuen. “Zuhurra lasaitu dadila (ni nintzen hori). Ez naute menderatu. Proiektorearena txantxaren bat da: ez dut entzun ere horrelakorik. Bainuez, nik segituan galtzen dut konortea, zorionez. Hankako behatzak zanpatu zizkidaten: une honetan azkazalak erortzen ari zaizkit”. Beste zazpi hilabetez Fresnesen eduki zuten. Gero, Alemaniara. Beste bi aldiz izan genuen haren berri oraindik, 44an eta 45ean. Apirilean ikusi zuten azkeneko aldiz berekin zeudenek: esparrua husten ari ziren, ilaran. Izutzeko moduan argalduta. Arazoak zituen ibiltzeko. Geroztik, ezer ez. Alemaniako bide-bazterren batean egongo da haren gorpu errukarria, zangaren batean. Dacosta andrea Auschwitzen gaseztatu zuten. Haurrei buruz, berririk ez. Hilik daude, zalantzarik gabe. Aitari buruz ez dakit ezer ere. Cassino aurrean harrapatu zuten, nonbait, diotenez. Ikara ematen dit hura berriro ikusteko ideiak berak. Azaldu ez dadin nahi izatea ere gertatzen zait batzuetan. Gauza batzuetarako oso koldarra naiz. Vendresseren inprimeria alkoholetan ustelduta zegoen tipografo batek hartu zuen, hura atxilotu zutenean. Badu aprendiz bitxi bat, buru handiegiko nerabe bat, basatia eta isila, aldian behin inguru guztia ikaratan jartzen duten haserrealdiak izaten dituena. Askatasunaren ondoren, Paars hiru egunez atxilotu zuten. Baina oso izen oneko zenbait pertsonak haren sentimendu jatorren bermea eman zuten. 43az gero, dirutza handiak ordaintzen zizkien zenbait erakunderi. Oso aditua da, gainera, kobre elektrolitikoari dagozkion kontu guztietan. Zaila izango litzateke hura gabe ezer egitea. Kargu handia du Banaketako Bulegoan. Hark bai jakin, euria eta eguraldi ona, biak batera egiten. 1945 abuztua.
booktegi.eus berria.eus GARI BERASALUZE kalaportutik Artikuluak AURKIBIDEA Eguneroko postalak Irakurtzeko eta kafea hartzeko egunak Hazkundetik garapenera Zomorroak itsasoan Eustputnik Zabalik eta libre Dena ikusgai dago Kontraesanen ispiluan Ali eta Saed Igelak, emakumeak eta etorkinak Ostirala iritsi da Abuztuaren 15eko bazkalondoa Basamortuko irribarreak BaZen Behin Ekonomia: grezieraz, etxearen kudeaketa Mundu paraleloak Memoria ariketak Hariak Ereiten Cadreitako sugandilak Abuztua da Europan Munduko itsasoetan barrena Uztai barruan preso 'Aparkelekuak' Orbainak lorontzi bihurtzean Liburua: Kalaportun eman zuen 2015eko uda Gari Berasaluzek. Bertako faroa, hondartza, ontziola, zubia, elur fabrika, mamuen eliza, geltokia, portua eta beste hainbat leku aurkitu zituen lagunak izoztuta utzitako mapan. Leku haietatik egunero idatzi zituen postalak aurkituko dituzu liburu honetan. Lehenago, Berria egunkarian ere argitaratu ziren guztiak, urte hartako abuztuan. Egilea: Gari Berasaluze (Getaria, 1975). Euskarazko liburugintzan eta kazetaritzan urte askoan bidea egin ondoren, gaur egun komunikazioan aritzen da lanean. Euskarazko hedabide askotan ohiko zutabegilea eta kolaboratzailea ere izan da. Idazle bezala, berriz, hainbat liburu argitaratu ditu poesia, haur literatura eta kazetaritza landuz. Eguneroko postalak 2015-08-01 Kalaportu da gure Macondo. Idazleek asmatutako leku ederrak gordetzen ditu literaturak mundu osoko orrialdeetan barrena. Ehun urteko bakardadearentzat idatzitako herria magikoa da milioika lagunentzat, eta beste hainbeste gertatzen da hizkuntza batean edo bestean sortutako leku imaginarioekin ere: Erdialdeko Lurraldea, Kamelot, Zazpi Erresumak, Lurralde Miresgarria, Lilliput, Sekula Betiko Lurraldea, eta abar. Fantasiaren kartografia osatzen dute askok, baina eguneroko kontu, miseria eta istorio garaikideak ere biltzen dituzte benetako mapetan agertzen ez diren beste hainbat herrik. Kalaportu horietako bat da. Joseba Sarrionandiaren liburuetan ezagutu genituen irakurleok bertako bazterrak eta biztanleak. Bertako mundua. Kostaldea. Bertako garaiak eta gertalekuak. Baina literaturaren historian gertatzen den moduan, behin liburua plazan utzita, idazlearena izatetik irakurlearena izatera pasatzen da, honen irudimenak bete ditzan egileak utzitako hutsuneak. Horrela, idazlearen baimenik gabe, Kalaportu aldatzen joan da, eta sasoi berrietara moldatzen, bertara heldutako bisitarien eskutik. Bertan zabaldutako ostatuen leihoetatik. Bertatik bidalitako postalen hitzetatik. Begirada omen dago egiaren eta gezurraren arteko mugan. Nondik, nola eta nora begiratzen den, hura ikusten da, egia iritziaren itsasoan lausotzeraino. Euskal Herritik begiratzen duenarentzat, Iruñea da hemen hiriburua. Euskal hiritik begiratzen duenarentzat, Bilbo izango da. Euskal erditik begiratu nahi duenarentzat, Gasteiz. Guztiek arrazoi, bakoitza bere begiradan eta iritzian geratuz gero. Antzekoa gertatuko da Kalaporturekin ere. Gurean Macondorik izatekotan, hura Obaba dela esango du norbaitek. Edo Belandia akaso, gaztaroan eskolan irakurtzera behartutako liburuetan geratu zenak. Ez dago zer eta zein maitatu ala non bizi arautzen duen legerik. Nik, esaterako, Kalaportu hautatu dut abuztua pasatzeko. Faroa, hondartza, Kaioarri, ontziola, zubia, guardia zibilen koartela, elur fabrika, indianoa galdu zeneko zuloa, mamuen eliza, Harriandi, geltokia... eta beste hainbat leku ageri dira lagunak izoztuta utzitako mapan. Horietan eseri, eta egunero idatziko ditut postalak, tabernako telebistan azalduko ez diren istorioekin. Lehenengoa postariari ematera noa. Sutan bilduta, zuretzat 2015-08-02 Inpresioak biltzen ditu Paulo Zetzan artistak Kalaportutik idazten dituen letretan. Uda igarotzera etortzen da enaren antzera, eta Kaiondoko auzoan duen etxe zuri teila gorri zaharkituan batetik eta bestetik heltzen zaizkion aldizkari, egunkari eta liburuetako zatiak zintzilikatzen ditu, nor den ez ahazteko. Lagun batzuei bereziak eta besteei arraroak iruditzen zaizkien gutunak eta postalak ere idazten ditu. «Gu denok, izakiak zein gauzak, gutxi gorabehera eguzkiaren beroaren hondakina baizik ez gara, pilatua eta antolatua. Eguzkiaren oroitzapenak gara, munduaren azal hotzean suak harturiko pospolo hondarrak». Tropiko sargorietatik erantzun zion behin laguna zuen idazleak, geroago liburu batean plazaratu zituen hitzekin: «Horixe da mundua: jende pila bat, su txikien itsasoa. Pertsona bakoitzak bere argiarekin egiten du distira beste guztien artean. Ez daude bi su berdin. Bada su handia duen jendea, eta su apala duena. Kolore guztietako sua. Bada su lasaia duen jendea ere, haizeaz ohartu ere egiten ez dena. Baita su eroa duena ere, eta airea sugarrekin betetzen du. Su batzuek, eskasek, ez dute argirik ematen eta ez dute erretzen. Baina beste batzuek hainbesteko pasioz sutzen dutenez bizitza, hurbiltzen dena piztu egiten da». Jendearekin ez ezik, lekuekin, abestiekin, ideiekin edo ametsekin ere antzekoa gertatzen da. Badira hurbiltzen dena pizteko gaitasuna dutenak. Bihotza eta pasioa gainezka sumatzen zaie, eta bata bestearen atzetik gehitzen da jendea horrelakoetara, ilusioarekin, eguzki betearen bila. Paulo Zetzan ere piztu egin du gaur egunkariak dakarren ametsak. Barkatu, albisteak. Desioak sutan Sahararentzat izena du. Kalaportutik hurbil hegan hasitako ekimena aurten lau haizetara zabaldu dute. Oporrak bakean igarotzera heltzen diren haurrei saharar herria bihotzean dugula erakustea da asmoa, ehunka desiori su eman eta hegan egiten utziz, basamortuan izarrak ikusten dituztenean elkartasunaren samurra sentitu dezaten. Koloretako planetekin beteko da zerua. Izar intifadak, begietan, sutan. Denbora hautsi zitzaienetik eskuetan harea besterik ez dutenentzat. Gaur gauean piztuko dituzte lehenengo su bolak Getarian, eta hurrengo egunetan Aian, Kuartangon, Larrabetzun, Zarautzen eta Tolosan egingo dute hegan. Kalaportura ere iritsiko dira, eta berriro ere kolosala izango da. Irakurtzeko eta kafea hartzeko egunak 2015-08-04 Oporrak irakurtzeko dira. Ezpainak mila zaporeko izozkiekin margotzeko. Ilunabarrak ikusteko. Larrua kresalarekin tindatzeko. Desioa sinkronizatzeko. Izar iheskorrak zenbatzeko edo teari udako gauak gehitzeko. Denok dugu gutizien zerrenda propioa, egun lasaiagoen esperoan oharkabean luzatzen utzitakoa. Lasai irakurtzeko denbora izatea da zerrenda horretan gehien estimatzen dudana. Besteak beste, ohe ondoko apaletan pilatutako liburuak zabaldu eta istorio ederretan nabigatzen hastea. Batzuetan, gainera, liburu bakoitzak zure eskuetara heltzeko egiten duen bidea bera ere kontatzeko modukoa da: azoka ibiltariren batean aurkitu duzu oharkabean, lagun bereziren batek gomendatu dizu berariaz, edo nonbait irakurri duzu zein ederra den. Beste batzuetan, trenean edo autobusean ikusi diozu norbaiti, eta arreta piztu dizu izenburuak, azalak edo irakurle ezezagunaren begiradak, irribarreak, eskuak. Auskalo. Antzekoa gertatu zait amaitu dudan liburuarekin. Kalaportuk, faroaren inguruan, sortalderantz, badu jende askorik ibiltzen ez den bazter polita, kala modukoa. Bertan, mareak gora egitean, bata bestearen ondoan pilatuta geratu ohi gara eguzkitara ateratako sugandila biluziak, toalla eta pareo koloretsuen gainean. Pasa den astean, bi metro eskasera nuen ezezagun hark, liburu bat zuen eskuetan zabalik: Jende zoriontsuak irakurri egiten du eta kafea hartzen du. Arropen artetik telefonoa atera eta sarean informazioa bilatu nuen, ondokoari hizpidea eskaintzeko eta, hasteko, irribarrea lapurtzeko esperantzan. Merezi izan zuen. Egileaz hasi ginen solasean. Agnes Martin-Lugand. Frantzia, 1979. Liburua argitaletxe bakar batek plazaratu nahi ez, eta sarean 0,89 euroan salgai jarri zuen 2012an. Hiru urte geroago, hamazazpi hizkuntzatara itzulita eta hogei herrialdetan argitaratuta, Europako liburu irakurrienetakoa da. Bide beretik doa egile beraren bigarren eleberria ere: Zoriontasuna nire eskuetatik ihesten da izenekoa. Egun hauetan irentsi ditut bi liburuak. Hasi eta bukatu. Eguraldiaren eta itsasgoraren konplizitatearekin, aste honetan, kala berean biluzik hurbilduko naiz pasa den asteko ezezagunarengana eta, hasteko, liburuez solasean hasiko gara. Ez zait kafea gustatzen, baina dagoeneko ametsetan ari naiz bere ezpainetan izan dezakeen zaporearekin. Hazkundetik garapenera 2015-08-05 Inoiz baino jende gehiago ibili da auskalo nongo festetan. Bateko udala oso pozik agertu da, eta besteko udalak balorazio oso positiboa egin du. «Poztekoa da, herriarentzat onura baita». Kolorearen arabera, jarrera desegokiak, errespetu faltak eta sexu erasoen orban ilunak aipatuko dituzte akaso hautetsi batzuek edota abuztuko prentsa ohar laburrek, beste batzuek horrelakorik ere ez, eta bere horretan errepikatuko dute hedabide gehienek webgunean, antenan, sarean edo paperean: inoiz baino jende gehiago ibili da. Sanferminetan ere jendetza elkartzen da, kalean plantxa koipetsuak zabaldu, olio beltz errean zerbait frijitu, eta ogi artean sartuta edozein zerrikeria saltzen duten postuetan, esaterako. Baina inguruan inoiz baino jende gehiago izateak ez ditu bihurtzen goi mailako sukaldaritzako tenpluak. Batzuk, ordea, kalitatea eta kantitatea bereizi ezinik dabiltza oraindik. Antzekoa gertatzen da turismo ereduarekin ere. Dirutza bideratzen da, eta kanpaina bat bestearen atzetik, jendetza erakartzera eta agortuta dagoen eredua elikatzera. Ez dugu bereizten oraindik hazkundea eta garapena. Hazkundea eltzea leporaino betetzea da, hazi eta hazi, ahalik eta gehien, gainez egin arte. Eguzkia eta hondartza. Mediterraneotik heldutako eredua. Hotelak. Apartamentuak. Espekulazioa. Autoak sukalderaino sartzea. Tope. Dena lehertu arte. Hor, inoiz baino jende gehiago ibilita ere, onura ez da herriarentzat. Batzuentzat soilik da. Garapena beste zerbait da. Alferrik da garunean milioika neurona izatea, gero behi makala baino makalagoak badira eta geldirik baldin badaude. Askoz aberatsagoa da, neurona laurdenak edukita ere, hauek bizkorrak izatea, mugimenduan egotea eta lotura berriak sortzea, batak bestearekin. Herri baten historia, ohiturak, hizkuntza, ekonomia, bertako produktuak, kultura, jaiak, kaleak, herritarrak eta abar modu egokian, berritzailean, garaikidean, parekidean, iraunkorrean eta elkar-eragilean erakustea. Horretara bideratutako ekimenak eta egitasmoak laguntzea. Ideien haztegiak bultzatzea. Eguzkirik gabe ere bisitariak liluratuko dituen eskaintza bermatzea. Hori da benetako inbertsioa, urte osorako eta epe luzerako uda ekarriko duena. Neurona guztiak zainduta. Postaletan agertu ez arren. Zomorroak itsasoan 2015-08-06 Badira oharkabean bizitza aldatzen diguten esaldiak. Abesti, film, liburu, horma edo solasaldiren batean agertzen zaizkigu espero gabe, eta berehala ohartzen gara erraietan isilpean dugunaren ispiluak direla. Noizbait sentitu duguna beste norbaitek bildu duela hitz zehatzekin, eta entzun edo irakurri duguna nekez ahaztuko dugula aurrerantzean. Esaldirik estoikoena izan daiteke. Adierazpen erromantikoena. Erresistentziarako deia. Laino ilunak urruntzeko laguntza. Irribarreari eusteko aldarria. Hau dena aldatzeko bandera berdea. Edo ateraldi kutreena. Berdin dio. Memorian betiko goldatu eta gelditu zaizkigu aurrerantzean zainetan eramango ditugun hitzak. Nahi ez badugu ere, gainera, egileaz akordatuko gara gehienetan. Edo beti. Esaterako, «gu baino hobeto dagoena, putakume galanta» pentsatzen edo esaten dugun bakoitzean, Patrizio Etxebestez akordatzen gara, eta Asier Altuna eta Telmo Esnalen Aupa Etxebeste! filmaz. Antzekoa gertatzen zait azken urteotan itsasoan bainatzen naizen bakoitzean. Antton Aldekoak eta Lander Garrok zuzendutako Zomorroak film laburra ikusi nuenetik, ezin dut bertako esaldi bat gainetik kendu. Zuzendarietako bat izateaz gain, Lander Garro da filmaren gidoigilea, eta baita bi protagonistetako baten rola jokatzen duena ere, Miren Gaztañagarekin batera. «Itsasoak egiten nau reseteatu» esaten du halako batean, bi zomorroen arteko solasaldian, itsasoari buruz hizketan ari direnean. Saiatu naiz esaldia borratzen. Ezabatzen. Reseteatzen. Aldatzen. Hitz egokiagoekin tatuatzen nire baitan. Ahazten. Baina ezinezkoa da. Kronikoa. Sendaezina. Eta areagotu egiten da uda heltzen denean. Egunak joan eta egunak etorri, berdin dio betiko hondartzan izan ala oporretan kostalde eguzkitsuetan egon, itsasora sartzen naizen bakoitzean, beti, Lander Garro etortzen zait ondora, «itsasoak egiten nau reseteatu» esanez, zomorro baten modura, filmean duen piura horrekin, ur azpian ere betaurrekoak jantzita. Ez dakit zergatik, baina ezin dut bidali aldamenetik. Badira erantzunik ez duten mila galdera. Berez, ederra da esaldia. Itsasoak berriro hasteko aukera ematen dizu elurrak bezala. Itsasoan sartzea beste mundu batean ezkutatzea baita, aldi baterako bada ere lehorrean dagoen guztia ahaztuz eta ezabatuz. Lander Garro ez beste. Hori da kontua. Eustputnik 2015-08-07 Erabakia ez da albiste izan, eta ez du oihartzun nabarmenik izan, ez ohiko hedabideetan eta ez sare bideetan. Egunkari honek ere sei lerroko labur bat eskaini zion asteartean, galduta, behean, munduan gertatutakoa biltzen duen orrialdean. Lau haizetara zabaldu eta batean eta bestean hizpide hartu beharko genuke, ordea, ea eredu bihurtzen dugun, lotsaren arrasto apurrik geratzen bazaigu behintzat oraindik. «Boliviako funtzionarioek hizkuntza indigena bat jakin beharko dute». Izenburuak harrapatu ninduen, eta ondorengo sei lerroak ere zehatzak bezain argiak ziren: «Igandeaz geroztik, Boliviako funtzionarioentzat beharrezkoa da gaztelaniaz gain 36 hizkuntza indigenetako bat jakitea, lanpostuari eutsi nahi badiote». Boliviako Konstituzioaren 234. artikulua oinarritzat hartuta, 2012an lege sendoa onartu zuen gobernuak, eta bertako hizkuntzarik ez zekiten funtzionarioei hiru urteko epea eman zien gutxienez bat ikasteko. Orain, epea amaituta, pasa den igandeaz geroztik, lanpostua galduko dute gutxienez bi hizkuntza ofizial hitz egiteko gai ez diren zerbitzari publikoek. Hemengo hedabideentzat funtzionarioak direnak zerbitzari publikoak baitira hangoentzat. Hizkerak ere adierazten du zerbait. La Paz hiriburuan egindako ekitaldian, aimaraz eta gaztelaniaz hitz egin zuen Evo Morales presidenteak, 2.500 ziurtagiri banatu zituzten bertako hizkuntza indigenaren bat hitz egiteko gai diren zerbitzari publikoen artean, eta gaztelania nola iritsi zitzaien gogoratu zuten: konkistatzaileen armekin batera, milioika indiar hiltzea eragin zuen sarraskien bidez. «Orain duintasuna daukagu, ordea, eta horregatik agurtzen ditut gaur gure hizkuntzak berreskuratzeko ahalegina egiten duten guztiak, herriari zerbitzu hobea eskaintzeko», esan zuen presidenteak. Akaso duintasuna zer den dakiten presidenteak edo lehendakariak falta zaizkigu gurean, antzeko erabakiak hartzeko eta euskaldunak bigarren mailako herritarrak ez sentitzeko. Hemen, hiru urte ez, hogeita hamar urtetik gora baitaramate askok elebakarrak izaten, funtzionarioak bihurtuta eta zerbitzari publikoak direla ahaztuta. Euskaraz hitz egiten diezun bakoitzean satelite aurpegia jartzen dute, baina badakite elebakartasunaren orbitan lasai iraungo dutela, soldataren inguruan bueltaka. Zabalik eta libre 2015-08-08 Kresala izena du Kalaportuko herriko tabernak, eta bere horretan mugimendu politiko oso baten metafora ere badela aipatu izan dugu behin baino gehiagotan lagunartean. Izan ere, karga politiko nabarmena dute zenbait lekuk, alderdi edo mugimendu politikoei lotuta sortu zirelako eta horien lana eta helburuak jendarteratzeko bilguneak direlako. Karga politikoa duten lekuek, ordea, ghetto bihurtzeko arrisku handia dute, gainerako herritarrak erakartzeko lan egin beharrean etxekoak soilik asetzearekin konformatuz gero. Hamaika arrazoirengatik, nik ere urte asko eman ditut alderdi sozialistaren inguruko tabernara eta elkartera sartu gabe, bertan antolatzen diren erakusketak eta kultur ekitaldiak mugak eta aurreiritziak gainditzeko bezain interesgarriak iruditu zaizkidan arte. Antzekoa gertatzen zaio beste hainbati herriko tabernarekin ere. Kontzertu, hitzaldi, antzerki eta askotariko kultur ekitaldiek erakarrita hurbiltzen da tarteka, gainerakoan handik urrunarazi duen inertzia gaindituta. Lagunartean bertan sumatzen dut: taberna batetik besterako erromesaldian, Kresala bazterrean utzita hurrengora salto egitea ohikoa izan da urte askoan. Herritarrak zein bisitariak erakartzeko pintxoak, irudia, argiak, kolorea, musika eta bezeroarenganako arreta zaintzeaz arduratu behar izan dute tabernek, gustu, estilo eta ohitura garaikideetara moldatuz. tabernak, ordea, ez du zeharkatu betiko eskaintzaren eta betiko jendearen muga. Zertarako egokitu eta moldatu garai berrietara, zertarako amestu bestelako jendea erakartzea, herriko pintxo lehorrenak eskainita ere betikoek bertan iraungo baldin badute. Taberna negozio pribatua soilik balitz, gaitz erdi, baina mugimendu politiko osoaren metafora izan daitekeenean, alarmak piztea komeni da, leku guztietara hamar urte beranduago ez iristeko. Ghettotik ateratzea eta etorkizuna antolatzea da kontua. Zorionez, badira bidea nola egin erakusten dutenak ere. Hainbat herriko tabernaz akordatzen naiz. Izaera galdu gabe, asmatu dute garaikideak eta erakargarriak izaten, muga eta aurreiritzi gehienak gainditzeko moduko eskaintzarekin. Guztiak nahi ditugu libre eta zabalik. Kulturari, politikari eta sukaldaritzari aterik itxi gabe. Ez baldin bagoaz, izan dadila herriko pintxo lehorrenak dituztelako, eta ez epaile edo polizia arrotzek konfiskatu dituztelako. Dena ikusgai dago 2015-08-09 Azken egunek euriaren kolorea izan dutenez, Kalaportuko geltokian trena hartu eta hiriburura behin baino gehiagotan egin dut erromesaldia egun hauetan, sasoi honetan urtero egin ohi dudan bezala, Maria Erlantz zena bisitatzera. Belaunaldi gazteenek ez dute ezagutuko beharbada Uliako sorgina, baina igarle sonatua izan zen 80ko hamarkadan, ustez zituen ahalmen paranormalei esker. Izaban jaio zen 1908an, eta Donostian hil zen 1993an. Giovani Guller suitzarrarekin ezkondu ostean, Maritxu Guller izena erabili zuen. Bost urte zituenean hasi zen kontu arraroak ikusten. Eskolan matematika ariketak jartzen zituztenean arbelean, berari emaitza agertzen omen zitzaion, eta zitekeen zailena izanda ere, berehala asmatzen zuen. Harrezkero, etengabe, besteek ikusten ez zutena ikusteko dohai berezia landuz joan zen, hainbat ikasketekin, eta igarle ezaguna izatera heldu zen. Jendea estatua bihurtzen edo bihurtuta ikusten omen zuen, eta handik lasterrera pertsona horiek hil egiten ziren. Ez zuen hutsik egiten. Horrek, noski, egundoko harridura eta zalaparta sortu zuen bere inguruan. Lurrikarak igartzen hasi zen, usain bereziak sumatzen, minbizia atzematen, energia koloretan ikusten, eta antzekoak. Sinesgarritasuna irabazi zuen gainera, bete-betean asmatzeko zuen gaitasunagatik. Euskal tarotaren sortzailea ere izan zen. Maritxuren espiritua sumatzen da Donostian urtero garai honetan antolatzen duten esoterismo azokan, Miramar jauregian. Hamar egunetan zehar, egitarau oparoa izan da aurten ere, eta gaur amaituko da. Besteak beste, tarota irakurteko arteaz aritzeko aukera izan dugu. Emakumeen botereaz hitz egin du Toti Martinez Lezeak, historian zehar gurtutako jainkosak izatetik erre beharreko sorginak izatera nola igaro ziren azalduz. Bizitzaz eta heriotzaz aritu zaigu Mikel Lizarralde mediuma. Mundu hobea eraikitzeko moduaz Juanjo Lertxundi yoga eta meditazio irakaslea. Eta izan dira kiromantziari buruzko hitzaldiak, eta telepatiari buruzkoak, eta hizpide izan ditugu espirituak, emozioak, kristal bereziak, erregresioak, gaitasun psikikoak, hil ondorengo bizitza berriak eta antzeko beste hainbat kontu. «Dena ikusgai dago» esaten zuen Uliako sorginak. Ikusten jakin behar da, besterik ez. Kontraesanen ispiluan 2015-08-11 Kalaportun ere denetik elkartzen da abuztuan, kostaldeko edozein herritan bezala. Bisitari bakoitzaren istorioak merezi du postal bat, eta postalak hari finekin lotzen hasita, film baten gidoia edo liburu baten mamia ere osatu daiteke lasai asko, izenburuan bizikletak jarrita. Izaroren eta Unairen begiradak kanpineko dendan gurutzatu ziren lehen aldiz, joan den astean. Hurrengo gauean alde zaharreko taberna batean solasean hasi, eta Harriandira joan ziren. Bunkerraren alboko harrietan eserita, itsasoa han behean ikusten zuten artean eman zituzten lehen musuak. Munduan zehar elkarrekin igande pausoz ibiltzeko moduan zirela erabakita, hirira egin zuten herenegun, festa nagusiak batera gozatzeko. Txosnetan bokata bana afaldu zuten ilunabarrean: hirugiharra gaztarekin batek; solomoa piperrekin besteak. Gurasoenetik atera eta Iratiren habian errotu denetik, lausotzen joan da Soniaren eta amaren arteko harremana, ohartzerako bi ezezagun bihurtzeraino. Bazekien ez zuela askorik konponduko afari on batekin, baina urtebetetzea maite dituenekin ospatu nahi zuen, eta lehen aldiz laurak biltzeaz gain, elkarrekin ondo afaltzeko gutizia ere bazuen igandean. Amak sasoi batean hain gustukoa zuen jatetxe australiar horretan lekua hartu, eta plazera bihurtu zuten otordua, batez ere txingarretan erretako orein haragiarekin gozatuz, madari eta sagar epelekin lagunduta. Orain Bartzelonan bizi arren, udan Gironako kostaldean aritzen zen lehen lanean Ariadna, ostalaritzan, postaletan baino are ederragoa den Cadaques zurian. Han ezagutu zituen duela zenbait urte Oihane eta Mikel, eta harrezkero noizean behin elkarri bisita egiten diote lagunek. Ariadna hirugarren aldiz heldu da aurten Kalaportura, eta beste behin hutsik egin gabe gonbidatu dute lagunek sagardotegira. Ez du zalantzarik: munduko sukaldaritzan ez dago sagardotegietako txuletarekin aldera daitekeenik. Erotu egiten dute. Izaro, Unai, Irati, Sonia, Oihane, Mikel eta Ariadnak ez dakite, baina igandean ordu eta leku berean elkartu ziren denak, hiriburuan: zezenketen aurkako manifestazioan, animalien sufrimendua salatzeko. Afaltzera joan ziren gero. Bakoitza bere bidetik. Solomoa eta hirugiharra txosnetan, oreina jatetxe australiarrean, txuleta sagardotegian. Gehienok bezala, gure kontraesanekin zein koherenteak garen ohartu ere egin gabe. Ali eta Saed 2015-08-12 Bost urte igaro dira hainbat lagunekin batera Palestinan izan nintzenetik. Hilabete batzuk lehenago Gaza basatiki bonbardatu zuen Israelek, egundoko sarraskia eraginez, eta munduan zehar zabaltzen ari zen BDS mugimendua, Israelekiko boikota, desinbertsioak eta zigorrak aldarrikatuz eta palestinarrekin zubiak eraikitzea bultzatuz. Euskal Herrian testuinguru horretan osatu genuen Biladi Hadi izena hartu zuen brigada, alor askotariko ordezkaritzarekin: hezitzaileak, ikasleak, irakasleak, argazkilariak, musikariak, bertsolariak, zinemagileak, pailazoak, kazetariak eta abar. Palestinan igarotako egunak luzeak bezain mamitsuak izan ziren, egunean lauzpabost bilerarekin normalean, okupazioak eta zapalkuntza gupidagabeak bizitza errotik baldintzatu dion jendearekin gehienetan. Bagenekien gogorra izango zela hura guztia ikustea eta entzutea, baina ez genuen espero gehienok kraaak egingo genuenik halako batean. Hebronen izan zen, Zisjordanian estatu sionistaren zapalkuntza beste edonon baino hobeto islatzen den herrian. Erdigunean ez ezik, Hebron inguruetan ere kolono israeldarren kokalekuak nonahi daude; gehienak palestinarrei lapurtutako etxeetan. Alde egiten ez duten palestinarren aurkako jazarpena izugarria da, batez ere kanpoaldeko landaguneetan: olibondoak erre, etxeko kristalak harrika eta tiroka behin eta berriro hautsi, ur biltegiak tiroka zulatu eta izua eragin, etsita etxea utzi eta alde egin arte. Nekazari palestinar haietako batek etxean hartu gintuen, eta tearen inguruan kontatu zigun urte askoan kolonoek inguratuta bizitzen ari ziren infernua. Ez da hitzetan kabitzen. Arrotzen bisitak apur bat aztoratuta, lauzpabost urteko semeak etengabe eusten zion aitaren eskuari. Entzundako basakeriak entzunda, gogoan dut malkoei ezin izan niela eutsi, eta akordatzen naiz handik atera orduko zenbait bidaide ere nola hautsi ziren negarretan. Asteburuan hil da Saed Dawawxa, kolono israeldarrek duela zenbait egun molotov koktelekin su eman zioten etxe palestinarreko aita, 32 urterekin, erreduren larriari eutsi ezinik. Hemezortzi hilabeteko Ali semea erasoaren egunean bertan zendu zen. 27 urteko ama eta lau urteko beste semea oso larri daude oraindik. Egunak daramatzat Hebronen ateratako argazkiei begira, aitaren eskuari izututa eusten dion haurraren begietan kateatuta. Hitzik gabe. Igelak, emakumeak eta etorkinak 2015-08-13 Kalaportuko bazterrak sortu eta idatzi zituen marinel zaharrari aspaldi irakurri genion libururen batean: haurrek jolasean harrikatzen dituzte igelak, baina igelak benetan hiltzen dira. Ez dago laburrago eta zehatzago erakusterik hilketa baten larritasuna nola alda daitekeen begiradaren arabera, kontzientziaren ostikadak apaltzeko. Etxe kaleratzea sinatu duenak lasai egingo du lo, inor bere buruaz beste egitera bultzatu duenik sinetsi gabe. Lege bidegabeen mertzenarioak otzan beteko ditu aginduak soldataren ordainetan, heriotzaraino jazarri duen etorkina benetan hil denik ere ohartu gabe. Arma batekin tiroka ari den boluntarioak ez du askorik galdetuko zer tinta mota den saihetseko hori, nonbait lurrean geratu den kaskilloa baino hutsagoa geratu den gelaren bat badagoenik pentsatu ere egin gabe. Hilketak eta hildakoak beti dira benetakoak, jolasa, ekonomia, lana, askatasuna ala dena delakoa izanda ere requiemaren melodia. Aspaldi ikasi genuen norbait hiltzeko era ugari daudela, eta orrialdeotan herenegun bertan ere irakurri genuen zer den eraso bat. Begirada aldatu daiteke, eta gertaeren sustraiez eztabaidatu, baina igelak, emakumeak eta etorkinak benetan hiltzen dira beti. Norbait soldataren ordainetan hiltzen dutenean, gainera, gezurrak datoz ondoren. Mikel Zabalza, Gurutze Iantzi, Xabier Kalparsoro, Rosa Zarra, Josu Zabala, Jose Atanes, Iñigo Cabacas edo Michael Brown bezalako izen askorekin beteta daukagu memoria. Bertsio ofizial faltsuen bilduma da historia, badakigu. Lorontziak leihoetatik bota egiten dituzte, baina atxilotuak erori egiten dira. Tres Cantos eta Ciutat Morta gehiegi ezagutzen ditugu dagoeneko autopsiak ukatzen eta gorpuak bahitzen dituzten poliziei ezer sinesteko. Salouko tattoo & piercing denda batean ezagutu nuen duela zenbait urte Penelope. Piercing bat egin zidan, solasean aritu ginen, eta orduz geroztik badugu elkarren berri, sare sozialen bidez. Herenegun goizean ere lanean ari zen Bartzelona kaleko denda berean, Poliziak senegaldar bat hil zuen lekutik hurbil. Hedabideek besterik zioten orduetan, zalantzarik gabe idatzi zuen gertatutakoa: «Leihotik bota dute poliziek, eta laguna nola hil duten ikusita, sutan daude senegaldarrak, haserre eta minduta. Poliziek azkar bahitu dute gorpua, autopsia saihesteko». Mor benetan hil zen. Beste behin. Ostirala iritsi da 2015-08-14 Ostirala da gaur, eta sakabanaketak oporrik ez duenez, urteko edozein asteburutan bezala, edozein euskal presoren edozein senidek edo lagunek asteburu hau ere errepidean, trenean edo hegazkinean emango du, etenik ez duen zigor erantsiari aurre eginez eta beste behin ere babesa eta maitasuna marraztuz kristal lodian. Geografia liburuetan beharrean, urte askoan errepideetako seinaleetan eta gasolindegietako atsedenlekuetan ezagutu ditugu Saint Maur, Mansilla de las Mulas, Dueñas, Herrera de la Mancha, Manzanares, Daroca, Zuera, A Lama, Picassent, Villena edo Fontcalent bezalako izenak, Frantzian, Espainian, Galizan eta Herrialde Katalanetan barrena. Lagunen batekin autoan gehienetan, bakarrik noizbehinka, eta elkartasunaren gidariekin beste batzuetan, hango eta hemengo senideekin batera gaua eta furgoneta partekatuz. Azken bidaian, Donostian ekin genion bideari, ostiral arratsaldean. Juanjo eta Joxean izan genituen gidari. Egiako auzokideek elkartasuna txandaka antolatuta daukate, eta bi lagunek urtean bidaia bat egiten dute boluntario gisa. Aurten Alacanteko kartzeletara, eta gu haiekin. Urtzi eta Josefina ere furgonetan zeuden. Hernaniarra da Urtzi, preso ohia. Lagun azpeitiar bat bisitatzera zihoan asteburu hartan, baina arreba ere preso du Murtzian, eta baita beste hainbat adiskide ere. Josefinak 69 urte ditu, eta 20 urte daramatza kartzelaz kartzela semea bisitatzen. Dozenatik gora ezagutu ditu. Gaur egun, bi astetik behin egiten ditu semea ikusteko 1.570 kilometroak, lehen eta hirugarren asteburuetan. Lopidako gasolindegian egin genuen lehen geldialdia. Maribel eta Unai hartu genituen han. Oñatiarra da Maribel, eta koinata bisitatzera zihoan Alacantera. Unai ere preso ohia da. Bilbokoa. Villenara zihoan, lagun bat bisitatzera. Azken sei hilabeteotan bost lagunekin ditu bisitak, punta batean eta bestean dauden kartzeletan. Beraz, ia asteburu guztietako plana du errepidean milaka kilometro egitea, horrek dakarren odoluste ekonomikoarekin. Odoluste ekonomikoa gogorra da, baina odolustearenak ez dio metafora izateari uzten. Euskal presoen aurkako sakabanaketa politikak 26 urte bete ditu, eta urteotan guztietan hamasei hildako eragin ditu errepidean, benetan odolustuta. Metaforarik gabe. Abuztuaren 15eko bazkalondoa 2015-08-15 Gaur 50 urte. 1965eko abuztuaren 15eko bazkalondoa hitzetan bilduta utzi zuen Joxe Austin Arrietak, 1979an argitaratutako eleberri ederrean. Orduz geroztik berdin dio egun seinalatu honetan bakarrik, lagunartean edo familian bazkaltzen dudan, orrialde haietako giroarekin akordatzen naiz beti gaurko egunez. Izan Donostiako Parte Zaharrean, Kalaportun, Tafallan, Azkoitian, Zarautzen ala beste edonon, abuztuaren 15eko bazkalondoak antzeko usaina eta kutsua duela sumatzen dut. Denbora pasatzen da, eta ez da ezer pasatzen. «Inoiz ezin jakin batek gure sukaldean freskotasun apur bat egon dadin zer den hobe: patioko leihoa zabalik ala itxita eduki. Zabaltzen baldin baduzu, gurean pilatu den ke usaintsu itogarri guztia kanpora doa, bai, baina baita auzoko beste hamahiru sukaldeetakoa gurera sartzen ere». Zer egingo diogu, bada. Gure patio hau zoko hertsi mehar bat baita. Gerrako istorioak, errepresio politiko eta kulturala, amaren bizitza gogorra, giro erlijioso itogarria, santuak, zezenak. Guztiak mahaiaren bueltan eta senideen oroitzapenetan. Antzeko nobela idatz daiteke gaur ere, edozein herriko jaietan gaurko bazkalondoan fokua piztuta. «Maite mahai gainetik postre platerak erretiratzen ari da eta harraskara eramaten. Arantxak harraska gaineko berogailua piztu du. Amak sugaina detergente-hautsez estaltzen dihardu». Aitak eta semeak gerrako eta seminarioko kontuak aletuz segitzen dute, puruaren keak luzatutako solasaldian. Literatura da. Baina sasoi bateko erradiografia zehatza izateaz gain, 50 urtean gauza batzuk askorik ez direla aldatu ikusteko ere balio du. Sukaldeak eta zaintzak emakume izena du oraindik. Aldaketak nondik etorri behar duen eta nolakoa izango den erabakitzen pasatu zaizkigu urteak, ohartzerako dena aldatu da, baina ez nahi genuen bezala. Aldaketa iritsi zenean, gu bileran geunden. Garaipen batzuk lortu ditugu, baina irabazteko haserrea ilusio bihurtzen asmatu behar da. «Izan ere, ez baita batere erraza erabakia hartzen, leiho hau zabalik ala itxita egotea komeni ote den. Kaleko balkoiak ere zabalik ditugu, bai, baina hain daude sukaldetik urruti, non etxe barneko ate guztiak zabalik eduki arren ez baita honaino haize izpirik ere ailegatzen. Eta ia hobe ez iristea, kalean ere hego haize sargoritsu itogarria baino ez baitabil, abuztuaren 15eko arratsalde hasberri honetan». Basamortuko irribarreak 2015-08-16 Milaka kasualitateren bilduma da bizitza. Milaka buelta eman behar ditu munduak bi pertsona ezagutzeko. Begirada edo irribarre batzuen atzean dauden aukera guztiak eguzkitsu loratzeko. Batzuetan, unibertso osoa lerratzen da ordura arte ezezagunak ziren ezpainetan musu bat sor dadin, edo norbaitek irribarre egin dezan, eta horrelakoetan ez dago bihotzari bidea egiten uztea bezalakorik, egun bakoitza ametsetan bildutako oparia izateko. Ez dago irribarreak ereitea baino ederragorik, batez ere irribarrea haur batentzat denean. Jende askok egunero mugitzen du mundua, haur batek irribarre egin dezan. Beste nonbait sortu eta bizi diren haurrei udan hilabete batzuetarako etxea eta bihotza zabaltzen dieten familia ugarik, esaterako. Esperanzarena horietako bat da. Madrilen bizi da, hiru urteko semearekin. Aurten udan lanean etena egin, eta haur saharar bat hartzea erabaki du lehen aldiz. Lek etxera iritsi zenean, elkartasuna samurtasun bihurtzen hasi zitzaion Esperanzari, eta ohartzerako samurtasuna maitasun bilakatu zen. Haur saharar hari buruzko guztia ezagutzeko irrikaz hasi zen puzzlea osatzen, galderaz galdera, argazkiz argazki, hitzez hitz, solasean eta sarean: familia, herria, etxea, basamortua, lagunak. Interneten bilatu zituen errefuxiatuen kanpalekuei buruzkoak. Wilaya: Aaiun. Daira: Hagunia. Eta hango irudiei begira, Lek beraren argazki bat aurkitu zuen Twitterren. Haurrari erakutsi, eta ilusioz idatzi zioten argazkiak sarera igo zituen erabiltzaileari. Bi aste baino lehen heldu ziren Kalaportura. Abenduan Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara egin genuen bidaian, etxean hartu gintuen familiako semea da Lek. Argazki asko egin nizkion, eta haietako bat hautatu nuen bidaia amaitzean osatutako bildumarako. Esperanzak sarean aurkitu zuena. Milaka kasualitateren bilduma da bizitza. Uztailean bost egun eman zituzten etxean, berriro Madrilera itzuli aurretik. Oporrak bakean igarotzera heldu diren dozenaka haurrek piztuko dituzte gaur gauean lehen su bolak Kuartangon, Larrabetzun eta Zarautzen, Sahararen aldeko elkartasun ekimenean. Berriro ere milaka desiok egingo dute hegan sutan bilduta, eta Dreisha, Brahim, Hassanna, Aziza, Nayad, Ahmed eta beste askoren begietan Lek ikusiko dut gaur, irribarrez. Merezi baitu mundua mugitzea haur batek irribarre egin dezan. BaZen Behin 2015-08-18 Kaiondoko auzoan dago Kalaportun gustukoenetakoa dudan ostatua, elur fabrikatik hurbil. Indiatik heldu zenean, elur fabrikan bertan aritu zen lanean Nansen, duela zenbait urte tea eta opilak saltzen hastea erabaki eta han inguruan BaZen Behin izeneko lekua zabaldu zuen arte. Lekua diot, ez baita ez taberna, ez kafetegia, ez ostatua. Lasai egoteko lekua da. Tearen etxea nolabait, argi apalarekin, kandelekin eta ekialdeko dekorazioarekin apaindua, Osho eta antzeko beste Zen maisu batzuen irudiekin, guztia hezurretaraino sartzen den intsentsu usainarekin eta musika lasaiarekin bilduta. Goizero egiten diot bisita. Irribarrez ematen dit Yogurtea, Fresh Colada, Kashmir Tea, Earl Grey Creme eta antzeko izenak dituzten teak ageri diren karta, bat hautatzeko, eta ezkaiarekin eta kanelarekin egindako opilen artean aritzen gara solasean. Lanean zertan aritzen naizen galdetu dit gaur. Esan diot langabezian nagoela, baina orain abuztuan Kalaportutik bidaltzen ditudan postalak argitaratzen ditudala egunkari batean. Egunero zerbait plazaratzeko ego handia behar dela esan dit, eta tea ateratzen hasi zait. Ez da gelditu edalontzia beteta gainez egin duenean ere. Tea isurtzen jarraitu du, mahaian putzu beroa nola zabaltzen zen begira, lasai asko. Talo aurpegia geratu zait. Zer demontre. Ea zoratu den. Argi hitz egin dit: «Te kikara honen antzera, zu ere beteta zaude. Usteak eta iritziak besterik ez dituzu, eta ez duzu lekurik beste ezertarako. Zerbait ikasteko, zure kikara hustu behar duzu aurrena». Kikara hustean soilik lortuko dudala postal ezberdinak bidaltzea. Bestela, bakoitza bestearen kopia izango dela beti. Ildo berean idatzitakoa. Ideia berririk gabe. Baina hau ez dela postal kontua soilik. Bizitzan ibiltzeko ikasgaia baizik. Zabaltzeko begiak, ateak eta bihotza, eta luzatzeko eskua bide berriei eta ezezagunei, aurreiritzirik eta beldurrik gabe. Beldurra dela esklaboak sortzen dituen hazia. Gure mozorro guztien jostuna. Ausartak, sendoak eta onenak garela erakustera bultzatzen gaituena, gezur hutsa izanda ere. Beldurrik gabe bizitzea garen bezalakoak onartzea dela. Besteei begietara begira hitz egitea, eta ez goitik behera. Isilik geratu naiz. Batzuetan ez dago isiltasuna entzutea bezalakorik. Baina ez dakit hitzik gabeko postalik onartuko didaten egunkarian... Ekonomia: grezieraz, etxearen kudeaketa 2015-08-19 Grafiko argia plazaratu zuen egunkari honek duela zenbait egun, Europako Batasuneko langabezia datuekin, estatuka eta ehunekotan erakutsita. Batez beste, eurogunean %11,1 da langabezia tasa, eta Europako Batasunean %9,6. Grezia (%25,6) eta Espainia (%22,5) dira langabezia tasarik altuenak dituzten estatuak, alde handiarekin. Zipre (%16,2), Kroazia (%15,3), Italia (%12,7), Portugal (%12,4), Eslovakia (%11,8) eta Frantzia (%10,2) dira hurrengoak, eta %10eko langatik behera daude gainerako guztiak. Horien artean, Alemania (%4,2), Txekia (%4,9) eta Malta (%5,5) dira langabezia tasa apalenak dituztenak. Hau guztia ekonomia kapitalistaren arabera, noski. Inon ez baita jasotzen benetako daturik ordaindu gabeko lana ere kontuan hartuta. Giannis Varufakis handiak, Ekonomia gorbatarik gabe: alabarekin solasean liburuan ederki adierazten du nork, nola eta zergatik sortu zituen merkatuak. Gaur egun, kontsumitzeko eskubidea bihurtu da ongizatea. Aberastasuna, berriz, kontsumitzeko dirua edukitzea besterik ez. Merkatuen logikatik kanpo dena da baliorik gabea kapitalismoaren zenbakientzat eta hedabideentzat. Etekina ekonomikoa baldin bada, ez dago arazorik irabaziak erakusteko zenbakien artean, horretarako bidean suntsitutakoa ingurumena eta hainbaten bizitza izanda ere. Ekonomia feministak edo ekonomia sozial eraldatzaileak ez dute lekurik kapitalismoan. Oztopoa dira kontuak ondo atera daitezen. Areago, merkatuek berariaz ezkutatu behar dute zein garrantzitsuak diren bizitza eta honen zaintza batetik, eta baliabide sozial eta naturalak bestetik. Horiek zenbat balio duten onartuz gero, zailagoa baita negozioa. Kapitalismoan ezinbestekoa da denak bere horretan segitzea: herrien arteko desberdintasunak, patriarkatuak, eredu suntsitzaileak, kolonialismoak edo arrazismoak, besteak beste. Sindikatuek, gainera, soldaten igoera edo enplegua aldarrikatuko dute, merkatuen logikak harrapatuta, aurreko guztia aldatzeko lanean aritu beharrean. Etxea oikos da grezieraz. Familiaren edo etxearen kudeaketa adierazteko hasi ziren oiko-nomia erabiltzen. Gaur egun, ordea, ekonomia hitza merkatuaren kudeaketaz aritzen da, ez etxearenaz. Merkatuarentzat, familiaren eta etxearen kudeaketa ikusezina da erabat. Horregatik du emakume aurpegia, eta ez da langabezia datuetan agertzen. Mundu paraleloak 2015-08-20 Mapetan ez dira agertzen, baina bizitza eta mundu paraleloen bilduma dira gure auzoak, herriak eta hiriak. Ezezagunarekiko mesfidantza muturreraino eramaten dugu eguneroko bizitzan, ohikoan planto eginda: betiko okindegia, betiko ogia, betiko kaleak, betiko izozkia, betiko lekua mahaian eta ohean, betiko katea irratian, betiko gosaria, betiko kontuak batean eta bestean, zerbait lehen aldiz egin genuen azken aldia noiz izan zen ahazteraino. Bizilaguna esaten diogu, baina aldameneko atean bizi denak askoz gehiago du arrotzetik lagunetik baino. Ezezaguna da, eta haren mundua eta gurea erabat paraleloak izango dira segur aski. Beste hizkuntza batean biziko da akaso, beste egunkari bat irakurriko du, beste albistegi batzuk ikusiko ditu, beste kultura batetik edango du, eta urteak pasatu daitezke bi munduek inon bat egin gabe, igogailuan ez bada. Munduari begiratzen diogu eskura ditugun leihoetatik, baina ate aurrekoa ikusteko betaurrekoak falta zaizkigu oraindik. Bizitzekin bezalatsu gertatzen da leku batzuekin ere. Mundu paraleloak iruditzen zaizkigu tren geltokiak edo aireportuak, agerian geratzen baita, beste inon baino gehiago, zein erraz aldatu daitekeen dena bide bat hartu beharrean aldamenekoa hartuz gero. Hegaldi hau hartu edo ate hura zeharkatu beharrean, hartu edo zeharkatu hurrengoa, eta munduaren beste aldean agertuko zara. Beste bizitza batean. Betiko lekutik eta egunerokotasunetik sustraiak erauzteko aukera izango bagenu bezala. Une batez denbora gelditzeko eta gure bizitzei begiratzeko aukera ematen digute, non eta nola bizi garen ikusteko. Mundu paraleloen unibertsoan, leku berezia dute ospitaleek eta enplegu bulegoek ere. Antzeko ariketa egiten baitugu osasuna edo soldatapeko lana falta zaigunean: gelditu eta atzera begiratu, aurrera egiteko zein bide hartu beharko genukeen pentsatzen dugun bitartean. Ohiko bizitzan ez bezala, leku hauetan, aldamenekoari begietara begiratzen diogu, behingoz bada ere. Mendeetan zehar garatu dugun bizirik irauteko senak enpatia dosia bidaltzen du garunera, oihan basatiaren atarian edozein laguntza, irribarre apalena izanda ere, eskertzen den heldulekua dela jakinda. Orduan soilik hasten gara ondokoak ikusten eta gurearekin inoiz gurutzatu ez diren mundu paraleloetan ibiltzen. Memoria ariketak 2015-08-21 Memoriaren Plazan bildu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak «1936an hasi eta gaur egun arte euskal gatazkarekin loturiko indarkeria mota ezberdinak pairatu dituztenen bizipenak». Jendarte osoari zabaldutako ariketa da, lehen lerroan egon gabe ere bakoitzak bere ispiluaren aurrean eseri eta egin dezakeen terapia kolektiboa. Gerra denboran haurdun geratu zen amona, eta gerran hil zuten mutil-laguna zuena, 24 urterekin. Baina gudari guztiak ez zituzten akabatu, eta haren anaia herrira itzuli zen, aurrena Matxitxakoko borrokan euskal gudarostearekin aritu eta ondoren Frantzian erbesteratuta zenbait urte igaro ondoren, ezkerrekoa eta errepublikarra izateagatik. Rojo harekin ezkondu eta beste hiru seme-alaba izan zituen amonak. Hil ezin izan zituzten langileen ilobak garela abesten dugunean, benetan ari gara. Bederatzi urte nituenean, eskolatik jaistean ikusitako pankartekin akordatzen naiz: Santi Brouard hil zuten. Hamaika urte nituenean, abuztuko egun eguzkitsu batean egundoko leherketa entzun genuen, eta berehala heldu ginen Guardia Zibilaren koartelera, bizikletan, anbulantzien aurretik. Kaos hutsa zen hura. Urtebeteko haur bat larri zauritu zuen atentatuak. Haren anaia, amona eta guardia zibil bat ere zauritu ziren. Hamabi urte nituenean Irantzuri masailetan labanarekin GAL hizkiak eta esbastika bat tatuatu zizkiotela akordatzen naiz. Hamalau urte nituenean hil zuten Josu Muguruza, institutuan hasi ginen udazken hartan, eta lehen borroka egunak, grebak eta manifestazioak ezagutu nituen. Beti ere barrikadaren alde batetik ikusitakoak markatu zidan gaztaroa: hildakoak, pilotakadak, eztandak, segadak, presoak, bahiketak, lazo urdinak, gerra zikina, tiroketak, hildakoak, atentatuak, errepresioa, sarekadak, egurra, gezurrak, beldurra, amorrua, tristura, tortura, iheslariak, haien zain geratutakoak, kartzelak, gutunak, bisitak, istripuak, hildakoak, malkoak... Postal batean memoria ariketak idazten hasi eta horretarako uda osoko postal guztiak beharko nituzkeela ohartzeraino. Behin akordatzen hasita, egunkari osoa behar baita bizitakoa eta sentitutakoa hitzetara ekartzeko. Lehen, bigarren edo azken lerroan egon garen pentsatzeko. Honaino iristeko zenbat eman dugun. Zenbat kendu. Zenbat irabazi. Zenbat galdu. Zintzotasunez, eta batez ere oraindik koadroa ez dela amaitu ahaztu gabe. Hariak 2015-08-2 Arketipo unibertsalak biltzen dituen sinbolo sorta da tarota. Karta bakoitzak gure bizitzen eta jokabideen oinarrian dagoen zerbait islatzen du, eta horregatik sortu du hainbesteko lilura mendeetan zehar, 78 ate horietan barrena nork bere burua ezagutzeko giltzak daudelako ezkutuan. Karta edo arketipo batekin erabat identifikatuko gara gaur, eta bestearekin bihar. Geure baitan lozorroan dauden haziak ernetzeko, karta edo arkano bakoitza ongarria, ura edo eguzkia balitz bezala, sasoi eta ziklo ezberdinen arabera. Antzekoa gertatzen zaigu munduari begira hasi eta albisteak hautatzean. Hari bati tiratuz gero batzuen baitan sortzen da hurbiltasuna eta konplizitatea. Beste hari bati helduz gero, beste batzuen sentimenduetan hasiko zara haztaka. Hari bakoitzaren muturrean mundu bat dago, gertatzen dena ikusteko, azaltzeko eta sentitzeko leihoekin. Batzuetan hari edo karta bakarra ez da nahikoa, eta sortatik zenbait ateratzea ezinbestekoa da inguratzen gaituena bere osotasunean ulertzeko. Indarkeria matxistak ez du etenik. Gero eta gehiago ikusten da izozmendiaren punta, eraildako emakumeekin eta sexu erasoekin, baina ur azpian isilpean jarraitzen du indarkeria eragiten duen gainerako guztiak, sistema patriarkalaren konplizitatearekin. Mazedoniako polizia gas negar-eragilea erabiltzen ari da mugan dauden milaka etorkin sakabanatzeko. Koldo Mitxelena Donostiako kulturune baten izena da. Elita Edeh sei hilabeterako kalean da, prefetaren baimenarekin. Apirilean egin zuen ihes Nigeriatik. Auzokoak etxean sartu zitzaizkien, eta Mary bikotekidea hil egin zuten, erreta. Elitak leihotik egin zuen ihes, baina beste bi lagun harrapatu eta espetxeratu egin zituzten, lesbianak izateagatik 14 urteko zigorra betetzeko. Auzitegiak Ibarrako jaien txupinazoa debekatu du. Marokoko poliziak euskal brigadistak kanporatu ditu Saharatik. Nazioarteko Astronomia Elkarteak proposatuta, euskarazko Herensuge izena har dezake Draco konstelazioan aurkitu duten planeta berri batek. Zezenak torturatzea eta hiltzea jaietako eskaintzaren ekitaldietako bat da, kolore guztietako herrietan: Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Tafallan, Lizarran, Azpeitian, eta abar. Kandilgo mendiak bonbardatzen ari da Turkikako armada, dozenaka kurdu erailez. Baina gaur larunbata da, eta Marijaia bera, gure Marijaia, Bilbora etorri da Aste Nagusira. Ereiten 2015-08-23 Urtero sasoi honetan bezala, liburu azoka heldu da Kalaportura. Ez da aparteko ezer ere. Garai batean, liburu berrienekin batera, ohiko liburu dendetan aurkitzen nekezak ziren liburu zaharrak, katalogoetan galdutako liburu bereziak, eta antzekoak izaten ziren erakusmahaietan barrena, eta azokatik itzulia egitea oparia zen, arrantza egitea, zer aurkituko duzun eta zein amuk kateatuko zaituen ez jakitea. Bilaketaren emozioa. Gero, ordea, salduenak jan gintuen, eta liburuen bizitza gero eta laburragoa izaten hasi zen, bai liburu dendetan eta baita azoka ibiltarietan ere. Liburuak erosteko eta irakurtzeko moduak ere aldatu egin ziren, eta plazara azkena ateratakoarentzat eta gehien saltzen denarentzat soilik geratu zen lekua, urte osoko erakusleihoetan zein noizean behingo erakusmahaietan. Liburu azoketatik desagertu egin ziren liburu azoketan soilik aurki zitezkeen liburuak. Orain, liburuak saltzen dituzten lagunekin solasean aritzeko aitzakia bihurtu da azokatik itzulia egitea, ez baitu beste askorako ematen erakusmahaietako eskaintzak eta giroak. Liburuak saltzen aurkitu dut E aste honetan, eta hiriburuan zabaldu duten liburu dendaz eta kultur laborategiaz aritu gara solasean. Liburu dendaz harago, literaturari, antzerkiari, musikari, argazkilaritzari eta askotariko ekimenei zabaldutako kultura sortu dute. Ateak ireki dituenetik, behin nik esandako zerbaitekin askotan akordatu dela esan dit lagunak. «Ereiten ari gara beti. Proiektu berriei tiraka, beharrezkoak direla sinetsita. Egundoko ahalegina egin, eta loratzen hasten direnean, hurrengoa ereitera». Irribarrea marraztu eta banbuaz hitz egin diot. Uzta biltzeko, haziak ongarria eta iraunkorki ureztatzea behar du. Ez da nekazaria izan beharrik jakiteko. Baina ereindako haziari ere lasai utzi behar zaio bere bidea egiten. Berezia da, esaterako, banbu japoniarraren irakaspena. Hazia erein, ongarritu eta etengabe ureztatuta ere, zazpi urtean ez da ezer ikusten. Zazpigarren urtetik aurrera, ordea, hilabete eta erdian hogei metrotik gora hazten da banbua! Zazpi urte ematen ditu sustraiak prestatzen eta garatzen, isilpean, gero sei astean sendo loratzeko. Emaitzak berehalakoan ez ikusteak ez du esan nahi amore eman behar dugunik. Ongi ereiten eta zaintzen duguna beti loratzen da. Cadreitako sugandilak 2015-08-25 Sugandilak ikusten dituen bakoitzean, Amadeorekin akordatzen da oraindik Mikaela. Zazpi urte besterik ez zituzten, baina elkarrekin jolasean pasatzen zuten eguna, kalean, ganbarako bazter ezkutuak arakatzen, gereziondoetara igotzen edo sugandilak harrapatzen. Lagun bereizezinak ziren bi haurrak, inozentziaren soinekoa eta galtza motzak jantzita, 1936ko uda hark dena aldatu zuen arte. Amadeoren aita desagertu egin zen egun batetik bestera. Erreketeek eraman zuten, beste asko bezala. Emazteak ezin izan zion izuari eutsi, laster bere larruan ere sufritu zezakeenaren ikarak harrapatuta, eta alde egin zuen, ihesean hiru haurrak hartuta. Harrezkero, Mikaelak ez du Amadeo ikusi. Amadeoren aita eta Cadreitako beste 52 gizon Iruñeko kartzelara eraman zituzten. Egun batean, aske geratuko zirela esan zien erreketeen buruzagi batek, inork ez zuelako odol deliturik eta ez zirelako komunistak. Bi egun geroago, abuztuaren 23an, libre geratuko zirela uste zuten 53 gatibuak elkartu eta kartzelatik atera zituzten. Atarian, ordea, binaka eskuak lotu eta autobusetara igo zituzten. Falangistak eta apaizak ikusita, laster susmatu zuten bidaiaren azken geltokia ez zela askatasuna. Baita asmatu ere. Iruñeko kartzela zaharretik 70 kilometrora gelditu ziren, Valcalderako larreetan, bi egun lehenago prestatu zizkieten hobien ondoan. Honorio Artetak ihes egitea lortu zuen, baina gainerako 52 presoak fusilatu egin zituzten, hamarnaka jarrita. Sarraskiaren ondoren han bertan lurperatu zituzten, hobi komunetan. Gorpuzkiak Erorien Haranera eraman zituzten 1950ean, eta geroago Nafarroara ekarri bueltan. Senideek, ordea, oraindik etxekoen hezurren bila segitzen dute. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak oroimen ekitaldia egin zuen herenegun Cadreitan, Valcalderako sarraskian fusilatutakoen omenez. 86 urterekin, han bildutakoen artean zaharrena zen Mikaela. Negar egin zuen, baina Amadeorekin akordatuta irribarrea ere ihesi zitzaion, han bueltaka eguzkitara ateratako sugandilak ikusi zituenean. Tomas Dominguez Arevalok eman zuen preso haiek fusilatzeko agindua. Rodezno Kondeak. Karlista sutsu hura erreketeen buruzagia eta genozidioaren arduradun nagusienetakoa zen sasoi hartan Nafarroan. Geroago Francoren Justizia Ministroa izan zen. Gaur egun, oraindik, bere izena du Iruñeko plaza handienetakoak. Abuztua da Europan 2015-08-26 Mazedoniako mugako irudiak oihartzun handia ari dira izaten egunotan sarebideetan. Gerratik ihesi Europara heldu nahi duten milaka errefuxiaturen aurka gas negar-eragileak ari da erabiltzen polizia. Mozorroak kentzeko garaia da merkatuen egonkortasuna zalantzan dagoenean. Burtsak hondoratzen ari dira. Utikan giza eskubideak, balio etikoak, Europa solidarioa eta gainerako gezurrak. Kapitalismoan ez dago lekurik demokraziarentzat. Etekinak arriskuan baldin badaude, behar duenari eskua luzatu beharrean, astindu borra lasai, aurrean duzuna aitak lepoan hartuta negar batean datorren haurra baldin bada ere. Agindua da. Hiztegiaren arabera, iheslaria edo errefuxiatua arrazoi politiko eta sozialengatik bere bizitokitik ihes egin eta beste leku batean babesa bilatzen duen pertsona da. Teorian, Nazio Batuek babesten dituzte iheslarien eskubideak, Genevako Hitzarmenean bildutako definizioan oinarrituta: «arrazagatik, erlijioagatik, herritartasunagatik, gizarte talde bateko kidea izateagatik nahiz iritzi politikoengatik jazarria izateko duen beldur bizia dela eta, bere herritartasunari dagokion lurraldetik kanpo dagoen pertsona da». Asilo eskubidea esaten zaio hainbat estatuk eta nazioarteko erakundek iheslarien eskubideak oinarritzat hartuta bermatu beharko luketenari, gero praktikan estatuen arteko interes ekonomikoak gailentzen diren arren beti, herritarren giza eskubideen gainetik. Horrelakoetan, jendea mugitzea besterik ez da geratzen iheslarien eskubideak bermatzeko, estatuen interesei eta utzikeriari aurre eginez. Hassanna Aalia sahararraren edota Elita Edeh nigeriarraren kasuak ezagutu ditugu azken hilabeteotan. Baina asko izan dira urteetan zehar. Duela 21 urte, Manueltxo Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañez euskal errefuxiatuak estraditatu nahi zituen Uruguaiko gobernuak, Espainiak behartuta. Uruguaitarrak kalera atera ziren hiru euskal herritarren eskubideak defendatzera, polizia oldartu zitzaion jendetzari, eta tiroka hil zituen Fernando Morroni eta Roberto Facal. Montevideon urtero gogoratzen dute gertatutakoa. Herenegun ere 4.000 lagunek aldarrikatu zuten Fernandoren eta Robertoren oroimena. Oraindik elkartasunak badu esperantzarik. Bada kantinploraren bat basamortuan. Bitartean, abuztua da Europan. Oporretan daukagu kontzientzia, hemengo mugetan errefuxiatuak ostiatzen ditugun bitartean. Munduko itsasoetan barrena 2015-08-27 Egunero esango dizute. Nonbait zuzendari edo lehendakari izendatu dute norbait. Bilera egin dute honek eta hark. Hainbeste hazi da ekonomia. Laster dira hauteskundeak. Halako fitxatu du talde honek. Baina aldaketarik ez betiko sekuentzian. Irratian. Telebistan. Egunkarian. Politika. Jendartea. Ekonomia. Hitzontziak. Kirola. Beti berdin. Txota. Zalduna. Erregea. Gola. Tantoa. Esprinta. Egunari, ordea, ez dio kolorea aldatzen horrelako ezerk. Benetan balio duena ez da albisteetan kabitzen. Alabaren besarkada ipuina irakurri eta loak hartu aurretik. Abesti batek ekarritako oroitzapena. Solasaldi baten konplizitatea. Irribarre batek zabaltzen duen eguzkia. Ilunabarrean itsasoaren ertzean oinutsik ibiltzea. Izoztuta zeuden lagunak taupaka sentitzea. Amelie Poulani gustatzen zitzaion hori guztia: eskua lekale artean hondoratzea, zineman atzera begiratzea eta ilunpean ikusleen aurpegiak ikustea, harriak ur gainean saltoka jartzea, eta antzekoak. Horrelakoek alaitzen dute eguna eta bizitza. Galdetu bestela Marianne Winkler britainiarrari. Botila zahar bat aurkitu du uda honetan Amrum uharteko hondartza batean, senarrarekin Alemanian opor egunak pasatzen ari zenean. Plymoutheko Biologia Itsas Elkartearen mezua zuen barruan botilak, azalpen zehatzekin eta postal batekin, non eta noiz aurkitu duten adieraziz bueltan bidaltzeko eskaerarekin. Bikoteak postala bete, bidali, eta ez da nolanahikoa izan jaso duen erantzuna. Itsas elkarte horretako lehendakari George Parkerrek 1904. eta 1906. urteen artean itsas korronteak aztertu nahian itsasora bota zituen mila botiletako bat da. 108 urte geroago aurkitu dute. Beti liluratu nau izarrei begiratzeak. Ikusten dugun argi tantak gure begietara heltzeko milioika urte behar dituenez, izar zehatz hori aspaldi itzalita egon daiteke, betiko, guk oraindik ikusi arren. Izarren argia bezala, 108 urte lehenago itsasora bidalitako botilak azaltzen badira, pentsa zenbat mezu egon daitekeen oraindik ozeanoetan bueltaka. Zerbait alda dezaketen zenbat hitz. Laster irentsiko dugu mundua. Beste mende apur batzuetako kontua da. Noizbait argindarra amaituko da, sarerik gabe geratuko dira gure oinordekoak, eta betiko galduko dira gure mega eta datu guztiak. Baina munduko itsasoetan barrena iraungo dute postalek, mezuek eta maitasun adierazpenek, botiletan sartuta. Uztai barruan preso 2015-08-28 Kalaportutik hurbil, herri turistikoaren beste aldean, trenbidea zeharkatuta, urte askoan jai herrikoiak antolatu dituzte auzoko gazteek abuztuan: haurrentzako jolasak, herri kirolak, txaranga, bertso saioak, kontzertuak, ehunka lagun elkartzen dituen bazkaria, umorea, kolorea, eta hiru egunez festa lau haizetara. Aurten, ordea, udalak ez du baimenik eman festa betiko plazan egiteko, azken dozenaka eta dozenaka urteetan egin den lekuan, batez ere gauetan kontzertuen musikak bizilagun batzuk bereziki kaltetzen dituelakoan. Beste nonbait, udako gauetan kalean pantaila jarri eta zine foruma antolatzen zutenek ere bertan behera utzi dute aurten ekimena, udalaren fidantza, oztopo eta baldintza berriek itota. Uztailean eman zuten azken filma. Paradisu Zinema. Ez da herri batean soilik. Han eta hemen, herri ekimenak baldintzatzeko, kontrolpean izateko eta dena erakundeen uztaitik pasatzeko ohitura gero eta zabalagoa da. Areagotuz doa gaitza, baina ez da oraingo kontua ere. Hogeita hiru urte igaro dira Azpeitiko saio batean Sebastian Lizasok gai hau jarri zionetik Imanol Lazkanori: «Egun bedeinkatua izan duk hiretzat gaurkoa: obran hengoela, inspektore bat etorri duk eta kaskorik ez heukalako multa bota dik. Etxera abiatu eta kotxeko gerrikoa lotu gabe ekarrelako ertzainek ere multa bota ditek». Erantzunean zorrotz aritu zen Lazkano, eta Ai gure antzinako doinua erabilita hiru bertso antologiko abestu zituen. Legeak, aginduak eta debekuak beti batzuen mesederako arautzen direla nabarmendu zuen lehenengoan: «Agintariak beti/ goitik agintzeko (bis)/ baina ez pobrearen /kargak arintzeko./ Zer arrazoi daukate/ hola aritzeko?/ Guri beti eskatzen/ bizia zaintzeko,/ ta berak armak egin/ gizonak hiltzeko (bis)». Agintean dagoenak dena kontrolpean eduki beharraz duen obsesioari heldu zion bigarrenean: «Hau ez gero askatu,/ ongi lotu hura (bis)/ dena kontrolatzea/ da hoien ohitura./ Dena dela guretzat/ da beti tortura,/ ez ote leike bizi/ bat bere kontura./ Gizonak zertako du/ hoinbeste lotura? (bis)». Hirugarren bertsoan dator errematea: «Kontuz kaskoarekin/ betiko sermoia (bis)/. Kontuz kotxe barruan/ jantzi zinturoia!/ Kontuz alkoholarekin/ bestela jipoia!/ Kontuz txorta jotzean,/ ez ahaztu kondoia!/ Normal zer egin leike?/ Hau mundu kabroia! (bis)». 'Aparkelekuak' 2015-08-29 Ikastolan, institutuan eta unibertsitatean. Edo eskolan, lizeoan eta lanbide heziketan. Berdin dio. Bizitza laurdena ematen dugu ikasgela artean, etorkizunerako prestatzen, bihar norbait izateko gaur zerbait ikasten, amaieran emango diguten tituluak noizbait lana, soldata, hipoteka, egonkortasuna eta zoriontasuna ekarriko digulakoan, ilunpeko ordu guztien eta azterketa maratoiaren ordainetan. Eskolan ikasi dut logaritmoak eta erro karratuak kalkulatzen, morfologia eta sintaxi ariketak egiten, esaldiak zuhaitz konplexuetan zatitzen, Espainiako ibaien edo errege katolikoen izenak buruz esaten, hizkuntza eta literatura gorrotatzen, elementu kimikoen taula periodikoa, latinaren gramatika eta deklinabidea, eta ezertarako balio ez duten beste hamaika kontu. Bizitzaren edertasunari ihes eginda, urteak kirofanoaren iluntasunean edo autopsia gelan auskalo zer aztertzen emango banitu bezala. Matematika ikasi dugu, baina maitematika gainditu ezinik segitzen dugu. Ikasgela barruan inork ez digu erakutsi benetan aurrera egiteko beharrezkoa dena. Elikadura osasuntsuaren garrantzia, bidegabekeriei aurre egiteko eta mundu hobea eraikitzeko beharra, oinarrizko sorospenak, ingurumenarekiko defentsa, bizitzaren zaintza, errespetua, enpatia, nola erditu, zer esan eta zer ez esan beilatoki batean, eta abar. Eskolatik kanpo ikasi dut laztantzen, elikadura eta farmazia industrien interesei aurre egiten eta osasuntsu elikatzen, sukaldean aritzen, bizikletan ibiltzen, gidatzen, erortzean berriro jaikitzen, bufandak egiten, tea prestatzen, arropak lisatzen, ispiluan barrena begiratzen, genero ikuspegia lantzen... Bizitzan bezala, denetik dago irakaskuntzan ere, medikuntzan, administrazioan, kazetaritzan, ostalaritzan eta beste edonon bezala. Benetan merezi duen jendea batetik, pasioa zabaltzen dakiena, ederra. Eta bestelakoa ere bai, aspaldi itzalita dagoenez, inori eta inora eguzkirik zabaltzeko gai ez dena. Antzekoa gertatzen da gurasoekin ere. Hezkuntza eskola soilik delakoan, gehienok aparkelekuak bihurtzen ditugu parkeak, hondartza, haurtzaindegia edo ikastola bezala. Haurrak aparkatzeko lekuak. Egongela ere bai askotan, telebista piztuta edo tablet bat eskura emanda. Gero marmarrean hasten gara ezarritako hezkuntza sistemaz, oraindik ere benetako eskola etxea denik ikasi gabe. Orbainak lorontzi bihurtzean 2015-08-30 Agurraren lezioa da ikasten zailenetakoa. Horretarako ahazten jakin behar baita. Orbainak ere desagertuko direlakoan, iragana ezabatzen ahalegintzen gara askotan. Ibili ditugun bideak ezkutatzen. Isiltzen. Atzera ez begiratzen. Baina puskak biltzea eta maletak egitea ariketa gordina da beti, baita etxera itzultzeko edo hobera egiteko denean ere. Itzultzen dena ez baita inoiz joan zen hura izaten. Noizbait loratu ondoren hostoak sustraietara itzultzen direla dio adiskide batek, eta antzekoa da maletak egitea ere. Berriro hasierara itzultzea. Berriro hastea. Amaitzen dena bidaia luzea izan daiteke, harreman bat, kartzelaldia, uda, oporrak... edozer, eta bere baitan dakar berriro beste nonbait ibiltzen hastearen beldurra eta ilusioa. Indar sortzailea. Berriro loratzeko, ordea, ezinbestekoa da denbora. Banbu japoniarraren antzera, sustraiak sendo garatzea luzaro, isilpean, gero noizbait eder hazteko ostera. Berriro hasteak eta hazteak ez dute ezinbestean ahaztea eskatzen. Hartutako erabaki guztien batura garenez, aurreko bizitzetan egindako akatsak ongarri eta ikasgai onak dira. Ezabatzen baditugu, harri beretsuetan egingo dugu estropezu. Handitasuna ez omen da inoiz ez erortzea, behar den guztietan berriz jaikitzea baizik. Zaurietatik ikastea eta orbainak lorontzi bihurtzea. Ez dakit zertara datorren hau guztia. Abuztua Kalaportun igaro ondoren hemendik alde egiteko eguna da gaur. Besterik ez. Baina azken postala idazten hasi, atarian arropekin eta oroitzapenekin betetako maletak ikusi, eta geltokirako bideari ekin aurretik agurraren lezioa kateatu zait hitzetan. Ez da ezer. Ahaztu. Udazken koloretan bilduta helduko da ohartzerako iraila. Irakurtzeko eta kafea hartzeko egunak amaituko dira. Basamortura itzuliko dira uda gure herrietan eman duten haur sahararrak. Ikasturte berria hasiko da. Hango eta hemengo mugetan itoko dira etorkinak. Kartzelan eta erbestean jarraituko dute lagunek. Beste emakume bat hilko dute bihar. Haurrak eskolara eramango ditugu. Irribarre egingo dugu eguzki bila ateratako sugandilak ikustean. Sarebideetan izango dugu elkarren berri aurrerantzean. Baina azken postal hau postariari eman aurretik, kopia egin, botila batean sartu eta munduko itsasoetan barrena bidaliko dugu. Badaezpada.
booktegi.eus EDU ZABALA GARAGARTZA inauteria gizakia naturaren kontra Noren aurka lehiatzen ote da gizakia bakarka zein taldeka, sortze beretik? Zer eskaintzen dio inauteriak etengabeko borroka horretan? Galdera horiei erantzutera dator entsegu, gogoeta literario hau. Ibilbide magiko-mitologikoari ekingo diogu argudiatzeko nola gizakia etengabeko borrokan aritu den, eta ari den, natura eta bere adierazpen kaotikoak menperatzeko ahaleginetan. Harremanetarako: eduzabala02@gmail.com Lege-gordailua: Z-1840-2015 AURKIBIDEA I. KAOSA MITOLOGIAN II. MAGIA: KAOSA ETA BELDURRA III. MITOAK: KAOSAREN ANTOLAKUNTZA. IZENA DUEN GUZTIA IZAN DA… IV. KAOSAREN ETA MITOEN ANTZEZPENA V. ETA BORROKAK DIRAU I. KAOSA MITOLOGIAN Greziako kosmogoniako hainbat adierazpenetan Kaosa da unibertsoaren aurretiko antolaketa eza, hots, jainko-jainkosen izendapenaren eta oinarrizko indarren aurrekoa. Esanahiaren zehaztapenean are gehiago murgilduz, "irekitako espazioa" edota "arraildura, arrakala" dela zioten. Eskola filosofiko batzuen arabera arrakala hori zeruaren eta lurraren artean kokatzen da, gure kasuan Ortzi eta Amalurren artean; horren adierazgarri dira, batzuen ustez, kobazulo, leize eta antzeko fenomeno geologikoak. Hasiera batean lurrak eta zeruak formarik gabeko izaki bat osatzen omen zuten eta gerora, banaketa, bikoiztasuna, dualtasuna sortu zen, urradura, arrakala baten bidez; hortik dator lehen zatiketa, gerora hainbat kulturetako oinarri mitologikoa izan den manikeismoa osatuz. Maien mitologian hondamendi edota kataklismoen bidez hastapenetako kaosera itzultzeko aukeraren interpretazioa argudiatzen zuten, fenix baten antzera. Afrikako eta Amerikako hainbat mitologitan ere agertzen da hondamendiaren beharra kaosera itzuli eta berriro hasteko. Birsortze prozesuaren beharra behin eta berriro justifikatzen da. Teoria horren jatorria noizbait kataklismo naturalak jaso izanaren ondorio izan daiteke: tsunamiak versus “Uholde unibertsala”, lurrikarak, sumendien eztandak, meteoritoen talkak, Atlantidaren desagerpena, etab. Gizateriaren errua zuritzeko, zigorraren elementu mitologikoa beharrezkoa da, guztiz. Asia ekialdean ere, oso ohikoa da katastrofismo birsortzaile hori; dena den, kasu gehienetan, gizateriaren talde aukeratu, berezi bat, elitea, bizirik ateratzen da aukera berri bat izan dezan gizateriak. Teoria asko daude dantzan txinatar mitologian, adibidez, baina denak bat datoz esaterakoan kaosaren amaierak unibertsoaren hasierari ematen diola bide, sorgin gurpilaren antzera. Sortzearen hastapena, beraz, mugarik gabeko mundu baten baitan azaltzen dute eta “Hasiera handia” deitzen diote. Kaosa zatiketa, bereizketa eta dualtasuna da. Mitologian kaosaren kontzeptua funtsezkoa da eta, orohar, itxurarik gabeko masa solido zein likido baten definizioa hartzen du, kultura bakoitzaren arabera. Masa hori noizbait pitzatu egiten da eta, esan bezala, dualtasuna sortzen da, osatzen diren aurkariak sortuz, manikeismoa justifikatuz. Manikeoen erlijioan alde ona eta txarra guztiz beharrezkoak ziren, ongiaren eta gaiztakeriaren arteko etengabeko borrokan ari garela usten baitzuten, eta argiarekin eta iluntasunarekin lotzen, irudikatzen zuten gatazka hori. Gure mitologiak ere bere egingo du kontzeptu hori, eta ia mito guztiei ezarriko die, dualtasun hori gabe ez omen gara munduaren eta bere fenomenologia zabalaren isla ulertzeko gai. Kaosa beldurra da. Kaosa baita ere beldurra, izua, segurtasun falta zen eta da. Gizakiak ezin zuen aditu naturaren fenomenoen zergatia eta, ondorioz, beldur horrek eguneroko bizimodua eramangaitz bilakatzen zuen natura eta barneko indarrak ulertzerakoan. Gizakiaren barne izaera (sentimenduak, gaixotasunak, erditzea, heriotza, bizitza…) zein kanpokoa ulertezina egiten zitzaigun eta guzti hori ongi antolatzean zetzan bere egonkortasuna, osasun mentala, beraz, zerbait asmatu beharra zegoen beldurrak, paranoiak uxatzeko. Kaosa energia da. Kaosa formarik gabeko energia baten azalpen gisa ere hartu izan da, eta gaur egun ere horren inguruko teoriak garatzen doaz, hala nola “energiaren kontserbazio legea”, non esaten den unibertsoa delako hori ezin dela sortu ezta desegin ere, aldatu baizik. Energiak inguratzen, biziarazten, hiltzen gaitu, azken batean arnasa, prana, hatsa, bere parekoa baita, hau da, ezinbestekoa bizirauteko. Kaosa bizidun ororen arima da. Energia edo kaosa, kasu honetan, ikuspegi zientifikotik at, arima, “chi” edo “ki” kontzeptuarekin lotzea daukagu, gure gorputz materialaren osagarri gisa, edo hobeto esanda, gure gorputzaren hilkortasuna gainditzen duen arima unibertsal gisa. Ekialdeko kulturetan Ki litzateke hainbat txakretan etengabe biribilka, bueltaka dabilen gurpil pizgarria. Gurpil edo txakra horiek gelditzen doazen heinean, mugimendua desagertu ahala, gaixotasunak garatzen ditugu. Gurpil energetiko zehatzak dira horiek, txinatarrek eta hinduek mendetan zehar, zehatz mehatz aztertutakoak, eta bakoitzak kokapen eta zeregin berezia du, gorputzaren osotasun energetikoa modu egokian gauzatzeko. Beraz, gure barneko kaosa, hots, hastapenetako ezagutza eza, deskodetu egin zuten bi kultura horiek, eta ordenatzen, finkatzen hasi ziren, funtzioz eta esanahiaz betetzeko. Barne, kanpo kaosa. Gure barne kaosa azaltzeko gauza garen neurrian, urratsak ematen ari gara baita ere kanpokoa ulertzeko. Barneko kaosa kontrolatzeko gauza ez bagara, ondorioa guztiz kaltegarria izan daiteke, suntsipenera eraman baikaitzake, era askotan. Unibertso pertsonala menperatzen dugun heinean, orekan mantentzen dugun heinean, efektu bera proiektatuko dugu kanpora eta kaosa ekidin dezakegu gure inguruan. Kaosa erlijioaren aitzakia Erlijioak, barne kaos hau kontrolatzen, eusten, modelatzen saiatuko dira zigorren eta sarien bidez, beldurra eta inkisizioa barreiatuz, gizateriaren inperfekzioa gainditze aldera eta horretarako erlijio katolikoak bereziki, erakunde piramidal bat eraikiko du, non fede itsuak hartuko duen arrazoiaren, ezagutza librearen lekua, ustezko gizatasuna bideratu eta kontrolatzeko. Kaosa bizitza da, erditzea bera da Ez izatetik izaterainoko sorkuntza prozesu hori ez al da bizitza iturri bera? Eta bizidunon kasuan bizitza erditzearen bidez gauzatzen da, emakumeak bizi duen prozesu ulergaitz, magiko horri esker. Gerora, arrak, gizonak, bere boterea finkatzeko, iniziazio erritualen bidez jaiotzak duen garrantzia gutxiesten saiatuko da. Argudioa zera da: ados, emakumeak bizitza sortu du, baina sortu berria ezgauza da munduak aurrez aurre jartzen dizkion arrisku guztien aurrean; ez da ezer, ez du baliorik bere horretan ekintza sortzaile, magiko, ulertezin horrek. Eta bigarren sorkuntza bat asmatzen dute non umea gizon bihurtzen den. Prozesu hori, erritual batzuen bidez, gizonek bakarrik gidatu ahal dute; emakumea, beraz, bigarren planoan geldituko da, bere benetako balioa gutxietsiz. Jaioberria, beraz, gizonen beste amarru hori alde batera utzita, kaos primariora itzultzeko behin eta berriro errepikatu ahal dugun aukera da. Naturak itzultzen gaitu amaren bizi-umontzi horretara, berriro labe horretan, formarik gabeko energia ordenatu eta organoak antolatu ondoren, hazi, indartu, birsor gaitezen, gizateriak, bizidun orok aurrera egiteko, gure akatsetatik ikasteko aukera izan dezagun. Ikasketa prozesu bat eskaintzen digu, askotan probestu ez duguna. Naturak ere, bizidun gisa hartuta, baditu birsortze prozesuak, kataklismoen bidez gauzatzen direnak, eta zer esanik ez unibertsoak. Aldagai den orok kaos erreferente bat behar du. Kaosaren beharra zigor gisa Zigorraren kontzeptua mitologia gehienetan agertzen da, eta kataklismoen edo mito gupidagabeen bidez gauzatzen da, gizakiok sortutako orekaren degradazioa hastapenetara berriro ekartzeko (ordenagailu baten “reset”, berrabiatze prozesuan bezala). Mitologiak, beraz, aukera emango dio gizakiari, zeregin horretarako sortutako mito baten bidez, zerotik, kaosetik hasteko berriro ere. Birsortzea aldarrikatzen denean, kaosera itzultzea justifikatzen da, azken batean kaosa bere hastapenean perfektutzat jo baitezakegu, beti abiapuntu bera, ustez, eskaintzen digulako bizidun trakets, maltzurroi. Birsortze horiek, fenix horiek, behin eta berriro agertzen dira gure inauteri batzuetan, aurrerago ikusiko dugun bezala. Kaosa gaur egun Nahiz eta gure gizarte teknologiko, zientifiko, arrazional honek kontrakoa esan, mitologiaren aztarna, printza batzuk, bizirik diraute gure inkontziente kolektiboan, zientzia ez baita fenomenologia guztia azaltzeko gai. Beraz, badaezpada, hor daukagu gordeta burmuinaren txoko batean Joxe Miel Barandiaranek jasotako esapide hau: “Direla ez da sinistu behar, ez direla ez da esan behar”. Gizakiak berezkoa du fantasiarako, ameskeriarako grina, ulertezinak diren fenomenoekiko miresmena, arrazionalismoarengandik ihes egiteko beharra. Manikeismoa ezartzen badiogu kontzeptu horri, bere kontrakoa irudimena litzateke; lehena, ameskeria suntsitzailea da, kontrolaezina bilaka daiteke, erotu ahal gaitu, gure buruak antolatutako antzerki bat sortuz; irudimena, ordea, lagungarria da ezagutzen dugun errealitatetik azalpenak, bideak eskaintzen digun neurrian. Horregatik dute gertakari paranormalek hainbeste arrakasta gugan, baina zer nolako beste esparrutan erabiltzen dugu, egun, behin eta berriro kaos kontzeptua? Gizarte gatazkek ustezko status quoa hankaz gora erabat jarri behar dutenean –ordena, boterea, gizarte-kohesioa irauliz– kaosa agertzen da eta horri buelta emateko zer tresna dugu gizakiok gerra, goseteak, gizartea bera odolustea, talde txiki baten mesederako? Suntsipena bai, baina ez erabatekoa. “Uholde unibertsalean”, Noerekin gertatu zen bezala, aukeratutako talde berezi batek biziraun behar du, gizateriaren etorkizuna berriro zuzentzeko. Arazoa zera da, salbatuko diren horiek direla egoera horretara eramaten gaituztenak eta eramango gaituztenak behin eta berriro, eta ez dugula ikusten, ez dugula ikasten. Kaosa euskal mitologian: Momotxorroak dira, ene ustez, aztertuko ditudan lau inauteri primigenioetan, kaosera eramateko gaitasuna erakusten duten bakarrak, jokatzen duten paperaren arabera menperaezinak baitira. Taldeka erasotzen diote gizakiari eta sarraskiaren bila doaz, bere sarde eta adarrekin gizakia odolustu eta hastapenetara itzularazteko. II. MAGIA: KAOSA ETA BELDURRA Gertakizun magikoak, naturarenak zein gizakiarenak, gure logika gainditu eta gu menperatzeko gai dira. Bigarren atal honetan fenomeno “naturalak” hiru sailetan banatuko ditut, eta bakoitzaren egileak, arduradunak izendatzen saiatuko naiz. Alde batetik naturaren gertakizunak ditugu, bestetik piztienak, eta, bukatzeko, gizakionak. Horiei guztiei, gizakiak magiarekin erantzungo die hasiera batean, eta poliki-poliki mitologia osatzen joango da, inauterien antzezpenarekin bukatzeko. Gizakiak natura behar du bizirauteko, baina gainditzen, menperatzen ahaleginduko da historian zehar, ustez borroka horretan garaile izateko aukera duelakoan; ergel halakoa! NATURA NATURA GERTAKIZUNAK EGILEAK KATASTROFEAK Ekaitza, tximista, haizetea,uholdea, enbata, sutea, harrabotsak... URTAROAKNegua = heriotzaUda = bizitza Lurrazpikoak:Leizea, kobazuloaLurrekoak:Zuhaitza, basoaUrarenak:Olatuak, aintzira, padura, ibaiakitsasoko edo ibaietako zurrunbiloak (Traganarruak)Astroak:Kometak, eklipseak, izar iheskorrak DUALTASUNAKGaua-egunaNegu-udaLurra-zeruaUra-lurra DUALTASUNAKIlargi-eguzkiaHotza-beroalehorra hezeaIluna-argiaGoia-behea PIZTIAK PIZTIAK GERTAKIZUNAK EGILEAK KATASTROFEAK:IzurriteakMigrazioakGaixotasunak ABERE TOTEMIKOAK eta beraien ezaugarriak:Hartza: Euskal gizakiaren oinordekoa, indartsua, bakartia, lotia? (Arizkun, Ituren...)Zaldia: Azkarra, menderagaitza. Irrintzia.Zezena: menderagaitza, indarraHerensugea, sugea: heriotza, sua. DUALTASUNAK Haragijale-belarjale DUALTASUNAKPiztien arteko oreka gupidagabea.Ar-eme GIZAKIAK GIZAKIAK KATASTROFEAK EGILEAK GerrakErailketakEromenaFobiakAmesgaiztoakBortxakeria, manipulazioaGaixotasun mentalak zein fisikoak Emakumeak:Bizitza-sortzaileak.Erraldoiak:Miel Otxin, Jentilak.Malformazioak: ipotxak, munstroak (Zanpantzar, Ziripot, Arotzak…)Arrotzak: Agotea, mairua, buhamea…Botere bereziak dituztenak: txamana, aztia, sorgina, iragarlea… DUALTASUNAKHeriotza-bizitzaGizon-emakumeItzala- itzal ezaEro(tasun)-normaltasuna DUALTASUNAKAmetsak-errealitateaOn-gaiztoHaurtzaro-zahartzaro “Euskal irudikapenak, ordea, oso era bestean ikusten ditu ekaitzen egilea eta sorlekua, zeren ekaitzak ere Lurretik irteten ikusi behar baititugu, arestian Eguzkia ikusi dugun bezala” (Euskal Mitologia konparatua – Juan Inazio Hartsuaga) Natura Naturaren fenomenologia kaotikoa oso zabala da eta izugarria, nahi duenean. Teoria berrien arabera, Lur planeta bizidun gisa onartu beharko genuke, bere birsortze zikloak, autogarbiketa prozesuak, orekarako etengabeko joerak ikusita. Hor dugu GAI-ren hipotesia, (La venganza de Gaia – James Lovelock, 1972) non eboluzioa eta geologia bat eginez, planeta urdina organismo bizia bihurtzen den; bere burua autorregulatuz, bizitza sortzeko gaitasunaren jabe dela erakusten digu. Hipotesi horri jarraituz, benetan kontzeptu horretan sinisten dudalako, natura, gure kasuan Lur planeta, organismo bizia dugu, horrek dakarren teorizazio guztiarekin. Bizidun guztiok bezala, Lurrak, Amalurrak euskaldunon kasuan, hainbat gorabehera geologiko, aldaketa, erditze, glaziazio, berotze klimatiko, lurrikara, tsunami, uholde, leherketa eta fenomeno zerrenda luze bat izan ditzake, eta izan ditu. Baina ahantz ditzagun gure zientifismoa eta saia gaitezen kobazuloetako gizakiaren buruarekin pentsatzen; zer ziren fenomeno ulergaitz guzti horiek gizaki izutu haientzat? Nork sortzen zituen? Nondik sortzen ziren? Zertarako? Zergatik zuten alimaliko botere hura tribu, leinu oso bat desagertarazteraino? Zalantza guzti horiei erantzun bat eman behar zioten bere burua, bere segurtasun mentala babesteko, azalpenak emateko ondorengoei, jakin zezaten nork, non , nola, noiz egin zezakeen zer. Naturaren kataklismoak euskaldunontzat hiru lekutik sor zitezkeen: zerutik, lurretik edo leizetatik; itsasoak ez du presentzia nabarmenik izan gure mitologian, askoz jota uraren balio magikoa ibai eta aintziretara mugatu da edota berez duen balio sendagarriari. Salbuespen gisa hor dugu Traganarru delakoa, itsasontziak irensten dituen genio gupidagabea. Uraren presentzia lurrari lotuta agertzen da ibai, aintzira eta paduren bidez, horiek onartzen baititugu Amalurraren zauri, bide edo zain gisa. Naturaren beste fenomeno bortitza urtaroak dira. Egungo gizarte teknologiko honetan ez dugu hainbeste baloratzen urtaroen aldaketa, baina bi belaunaldi atzera egitea besterik ez dugu, negu gorriaren botereaz jabetzeko. Nahiko lan zuten gure arbasoek negu latzetan aurrera egiteko, bizirauteko, udaren atarira onik iristeko, iluntasunetik eta hotzetik argitasunera eta berora iragaiteko. Negu gorria latza bada bere hoztasunean, ez da munta gutxiagokoa udararen lehortea, adibidez; beraz, beroa eta hotza dualtasunak dantzan dabiltza bizidunen ibilbidea mugatzeko asmoz; batak zein besteak bizidunek egin dezaketen ekintzak eta aukerak zedarritzen ditu. Glaziazioek gizateriaren eta bizidun guztien eboluzioa mugatu zuten, ezbairik gabe, eta planeta hau sumendiz josita zegoenean, etengabe okaztatutako labak, baita hondakin guztiekin batera sortutako bero jasanezinak gizateriaren aurreko bizitzari hesi latza jarri zion ere. Naturaren sortze prozesua bere hastapenetan zegoen, noraezean, boteretsu, gizakiok oraindik proiektua ere ez ginenean. Naturaren beste fenomeno bat, gure buruen gainean, sabaian gertatzen dena da: unibertsoa ibilbide ziklikoetan zeharkatzen duten astroez mintzo naiz. Antzinako ipuin zein testuetan presentzia nabarmena dute, eta izua sortzeko gai izan dira, nola ez. Hor ditugu eklipseak, izar iheskorrak, kometen talkak, meteoritoak eta abar luze bat. Lur planeta txiripaz existitzen da meteoritoen talkaren tonbolan; probabilitate kontua da gure biziraupena, ez gaitezen hain harro izan; apaltasun apur bat, mesedez. Beste dualtasun bat astroetatik eratorritakoa, zera da: gaua eta eguna, iluna eta argia, eguzkia eta ilargia, sinbologia guztiarekin. Ezbairik gabe, horiek guztiek mugatzen, baldintzatzen dituzte bizidunen zereginak, aukerak. Ezin dugu ahaztu zuhaitzek eta landaretzak, orokorrean, jokatu duen papera mitologiaren sorreran; gehienetan emankortasun erritualen eskutik datozkigu, eta zentralitate berezia hartzen dute lurra eta zerua komunikatuz. Ikusi ondorengo adibideak: “Yggdrasil” zen germaniarren zuhaitz kosmikoa eta lizarran edo haritzan nortu daiteke. Hinduen antzinako idatzietan (adibidez, Atharva Veda) kosmosa zuhaitz handi batek irudikatzen du, Ashvatha izenekoa. Zuhaitzen posizioa zeruaren edo lurraren nagusitasunaren arabera ordenatzen dute, hots, buruz behera edo gora. Budaren jaiotza eta bizitzaren pasarterik esanguratsuenak guztiz lotuta omen daude zuhaitz zehatzekin. Zuhaitzek, oro har, beti dute zentralitate positiboa eta sendatzeko edo energia banatzeko balio dute. Txinan “Kien Mou” izena dauka eta berpiztearen funtzioa egozten diote, munduaren iturburuarena, alegia. Egipton sikomoroa da erreferentea; biziemaile da. Grezian jainko bakoitzak bere pareko zuhaitza zuen. Zeltiarrentzat zuhaitzak eta landareak funtsezkoak ziren. Edward Bach-en loreen tratamenduan alfabeto zeltiarraren bost zuhaitz agertzen dira. Esan bezala, zuhaitzak, baso misteriotsuak, hainbat mitologiako muina dira eta beti ere positiboak, biziemaileak edo komunikazio bide gisa hartu ditugu zerua eta lurraren artean. Gaur egun badira teoria zientifikoak non hipotesi gisa esaten den zuhaitzek energia transmisiorako kanalak direla eta posible dela energi unibertsala, kaosa, beraien bidez geureganatzea. Bestela, galdetu Ortzi jainkoak bidalitako tximistari zergatik dituen hain gogoko zuhaitzak. Eta bukatzeko ezin ditugu ahaztu gure mitologiaren hirugarren zutabea diren Amalurren arrakalak, pitzadurak, kobazulo eta leizeak, ilunpetako mundua gordetzen dutenak. Zer kataklismoren sorgunea dira horiek? lurrikarenak eta sumendienak, adibidez. Hirugarren espazio honek, gainera, sekulako jokua eman dio gure mitologiari, hainbeste non euskal mitoen genealogian goren dagoen Marik bere etxetzat hartu dituen. PIZTIAK Piztiek sekulako aukerak eman dizkiete gizakiei mitologia osatzeko. Atzera egiten badugu abere totemikoak kultura askotan agertzen dira, hainbat nahasketa eta funtzio bereganatuz. Orohar, harrapariek kaosera itzultzeko funtzioa bete dezakete izurrite bilakatzen diren heinean edota, banaka hartuta, alimaleko boterea egozten zaienean. Bigarren atala dugu gizakia eta piztien artekoa, hots, bien nahasketatik sortzen diren mitoena: gizotsoa, zezengorria edo minotauroa, zentauro edo zaldikoa, sirenak edo lamiak, Akerbeltz… Hor ikusten da nola gizakia sartu egiten den piztiaren barnean eta eraldatzen duen edo alderantziz. Era horretan delakoaren ezaugarriak eta boterea bereganatzen saiatzen da; baina ez edonola, noiznahi, baizik eta naturaren fenomenoekin batera suertatzen denean bategite hori, hau da, ilargi betean, gauean. Gainera, legenda batzuen arabera, euskaldunok hartzarengandik sortuak gara. Teoria horren argudio nagusia da hartza neguarekin lotuta dagoela, eta inauteriak neguko solstizioaren festak direnez, hartza totemikoa iratzarri behar dutela udaberriari, bizitzari bide emateko. Beraz, Piriniotako bi aldetan bizi ziren euskaldunen sortzailea hartza izan behar zuen, eta ez kristautasunarekin ezarritako Kixmi tximua. Gure inauterietako pizti nagusien eta beraien ezaugarrien laburpena egingo dut segidan. Hartza, esan bezala, gure arbasoen sortzailea omen eta negua, bakardadea, eta indarra irudikatzen ditu; neguaren parekoa litzateke. Zaldiak jauziak, irrintziak, abiadura, askatasuna irudikatzen ditu, natura aske eta hezigaitzaren totema da. Zezen mitologikoa basatia da, odolzalea, hiltzailea, amorruz betetako piztia, behin eta berriro gizakia erasotzeko prest dagoena, inoiz mendean hartuko ez duguna, eta aldiro kaosera itzuliko gaituena GIZAKIAK Gizakiok sortu ahal ditugun katastrofe kolektibo zein pertsonal nagusienak gerrateak dira; ondorioak izugarriak uzten dituzte bai maila pertsonalean zein kolektiboan. Gizakia bakarka hartuta ere katastrofe pertsonalak izan ditzake, genetikoak edo inguruneagatik sortutakoak, hala nola, eroaldiak, fobiak, depresioak, amesgaiztoak eta malformazioak. Panteoi honen arduradun edo egileak bereiztea begibistakoa da: alde batetik dugu bizitza emaile dena, emakumea, eta bestetik gizona, aurkari gisa, dualtasuna osatuz. Baten zein bestearen funtzioak, antzinako kulturetatik hona, aldatzen joan dira, baina gizonak, beste atal batean esan dudan bezala, beldur zion bere aurkariari bizitza sortzeko gai baitzen; orduan erritual bat asmatu zuen umea gizon bilaka zedin eta, bide batez, emakumearen boterea murrizteko. Fenomenologia honetan ere hor ditugu munstroak, gizaki desitxuratuak, gaizki osatutakoak, errefusatzen ditugunak, baztertuak (Ziripot, Zanpantzar, Arotzak…), eta bukatzeko ahalmen bereziak dituztenak, sorginak, aztiak, igarleak, profetak… Ez ditzagun ahaztu arrotzak deitzen ditugun horiek, gure etxera, lurraldera etorri eta segurtasun eza sortzen digutenak. Ezezagunak direlako mesfidantza, beldurra, proiektatzen dugu haiekiko (buhameak, agotak, mairuak, kauterak…) Atal honetako dualtasun nagusienak gizon-emakumearekin batera , arra eta emea, haurtzaroa eta zahartzaroa, ona eta gaiztoa dira. III. MITOAK: KAOSAREN ANTOLAKUNTZA. IZENA DUEN GUZTIA IZAN DA… Naturaren fenomeno ulergaitz, beldurgarri eta kontrolaezin horiei nolabaiteko azalpen ordenatua emateko sortzen dugun pertsonaia sorta. NATURAREN KAOSA ANTOLATZEKO PIZTIEN KAOSA ANTOLATZEKO GIZAKION KAOSA ANTOLATZEKO AMALUR: Kaosa erditu ondoren, bizitza guztiaren sortzailea. EGUZKI AMANDREAILARGI AMANDREA MARI: Zeruko eta kobazuloetakoa( botere nagusia, gidaria, matriarkatua, Amalurrekin batera) GAUEKO: Gauarena (muga, debekua) LAMIAK : Urarenak ORTZI : Zeruetakoa IRANDATZ: Zuhaitzen jainkoa (Bidasoan) BASAJAUN: Basoko jauna, zaindaria. HARTZA: Euskaldunon jatorria. MOMOTXORRO: zezen-gorri, zezen odoltsua. Minotauro. PITXU: Gizotsoa. ZAMALTZAIN, ZALDIKO: Hezi gabeko zaldia, menderatu beharrekoa. Zentauroa. AKERBELTZ:Erdi gizaki erdi aker, emankortasunaren adierazgarri, baita gerora, Satanena ere. GATUZAIN: katuaren magiaren adierazle. MIEL OTXIN, JENTILAK: Lapurrak, erraldoiak, jentilak. TARTALO, ZIRIPOT:Munstroak.AROTZAK:Munstro espezializatuak, Borreroak. GORRIAK: Zintzoak. Gizakiaren dualtasun ona irudikatzen dute. BELTZAK: Gaiztoak. Gizakiaren dualtasun gaiztoa irudikatzen dute. BUHAMEAK: Baztertuak, arrotzak. Zalapartari, lapur, zikin, fidagaitzak. AGOTEAK: Gaixotasun eramaile. Atal honetan argudiatu edo defendatu nahi dudana zera da: gizakiak beldurrari eta kataklismoei aurre egiteko, mentalki, estrategiak bilatu behar ditu ez badu blokeatuta gelditu nahi, aurrera egiteko, erantzunak emateko gertakizun guzti horiei; horregatik kultura guztietan, mitologiak irtenbide bat eman die erronka hori gauzatzeko. Nik euskal mitologiari erreparatuko diot interpretatzeko nola heldu zioten erronka horri gure arbasoek. Ez dugu pentsatu behar antolakuntza eta funtzio erabat ezberdinak gauzatu zituztela, kasu askotan paralelismo handiak baitaude beste kultura batzuekiko, greziar, traziar zein erromatarrarekiko, adibidez. Ez da gogoeta honetan gure marka propio baten atzetik joatea, ezta gutxiagorik ere, baina trataera propioa gertatzen denean, besterik gabe azpimarratuko dut, azken batean aniztasunean datza kulturen arteko aberastasuna. Naturaren kaosari erantzuteko mitoak: Gure Parnaso partikularrean, bizitzan bezala, gustukoa dugu kategoriak ezartzea, hau da, norgehiagoka aritzea, nor den sortzaile, nor menpeko erabakitzea; eta mitologiak ez dio muzin egiten sailkapen horri. Goazen ba zehaztera nagusigo hori, egon badago eta, baina aurrena erabaki dezagun gure mitologiaren izaera; nolakoa da ? lurtarra, urtarra edo zerutiarra? Euskal mitologiaren izaera lurtarra: Gure mitoak xehatzen hasi aitzin jakin behar dugu euskal mitologiak izaera lurtarra duela eta horrek baldintzatuko duela hasieratik mitoen sorkuntza. Elezaharren arabera lurra ontzi erraldoi baten antzekoa da, mugagabea, bertan bizi direlarik hildakoen arimak eta pertsonaia mitologiak. Barrenera sartzeko bideak aintzirak, putzuak, leizeak eta kobazuloak dira; azken batean zer dira arrakalak, pitzadurak baino Amalurren sabelean? Erditzeak askotan konplikatuak izaten dira eta zer esanik ez sortzen den hori Kaosaren seme-alaba denean; beraz, sortze ikaragarri hori gauzatzeko zuloak, arrakalak, pitzadurak behar ditugu eta funtzio hori betetzen dute aipatu gune geologikoek gure mitologian ere. Arrakala horiek betirako zauriak izango dira Amalurren sabelean, aldiro aldatzen joan daitezkeenak, lurra bizirik baitago. Amalur hasiera da eta nagusigoa hartzen du bere alabekiko, Eguzki Amandrea eta Ilargi Amandrearekiko. Bere erraietatik ateratzen dira egunero sorgin gurpilaren bidea eginez, amaiezina, betikoa, berriro itzultzeko. Hainbat elezaharretan jasota dago etengabeko sortze eta itzaltze hori, bata besteari jarraika, inoiz harrapatu ezinean, baina beti ere, Amalurren sabeletik igarota. Ortziak ere bere ibilbide propioa izango du, eguna iristean, leize sakonetan barna. Begi-bistakoa da hiru mito sortzaile nagusien izaera emea, ama jainkoarena; hastapenetan sortzeari ematen zitzaion balio sinboliko-magikoa, gerora gizona bere mesederako birmoldatzen saiatuko da. Indoeuropar zibilizazioekin etorriko zen gizonezkoaren nagusitasuna euskal mitologiaren panteoian baita ere. Mitoei, jenioei, sexu bat atxikitzen zaie edo biak batera, eta horrekin lotuta izaera ona edo gaiztoa; horri esker gizakiak azaldu ahal izango ditu hainbat gertakizunen arrazoia edo zergatia; beraz, milaka urtetan antolatutako panteoi hau tentuz osatuta dago, gizakiaren behar eta kezka izpiritual zein haragizkoei erantzuteko moduan. Sexuaren banaketaz gain badugu beste kontzeptu bat, taldearena edo bakardadearena eta horren arabera esleitzen zaio pizti bakoitzari izaera eta funtzio bat, gutxienez. Adibidez, nahiz eta zaldia berez taldekoi izan, zezena, uroa, bisontea edo otsoa bezala, bakarka agertzen zaigu inauterietan, gizakiak horrela erabakita bere mesederako. Errazago da pizti bakartia meneratzea taldeka baino. Ez naiz sartuko mitoen zehaztapenetan, gehiago bilatzen dudalako ikuspegi orokor bat inauterien antzezpenetan agertuko direnekin lotuta. Hiru kataklismoei (natura, piztiak, gizakiak) lotutako mitoak zehazten saiatuko naiz baina, beti ere, Inauterietan agertzen direnei erreparatuta; beste guztiak ez dira saiakera honen helburu. Aipatu koadroaren arabera, Naturaren kaosa ordenatzeko zerrendatu ditudan mitoak hauexek dira: Amalur eta bere alabak Eguzki Amandrea eta Ilargi Amandrea. Beraiekin batera doa Ortzi edo Urtzi eta Gaueko. Guzti hauek, konturatzen bagara, mugimendua eta argia edo iluna dute ezaugarri nagusitzat. Mugimendu eza heriotza litzateke eta ezin dugu ulertu bizitza, urtaroak, etengabeko esnatze-itzaltze mugimendu hori gabe; beraz, bizitzaren gurpilaren gauzatze mitikoa mugimenduan oinarritzen da. Gu geu ere, gizakiok, zein abereak ezin dugu biziraun ez badugu mugimendua ardatz gisa hartzen gure egunerokotasunean. “dabilen harriari goroldiorik ez” diogunean, mugimenduaz ari gara, bizitzeko grinaz, aurrera egin beharraz. Mugimendu hori, gainera, zirkularra da. Zeren bidez antzeztu zuen gizakiak ziklo hori? dantzaren bidez. Dantza zirkularrak oso arruntak dira kultura gehienetan; normalean astroen ibilbidea antzeztu nahiko lukete eta horrekin batera trantzean sartzeko aukera eskaini. Horren adibide ditugu “muxikoak” eta beste hainbeste dantza zirkular. Erritualen parte gisa ulertu beharko genituzke bere hastapenetan, Amalurri eta bere alabei zerbait eskatzeko, eskaintzeko, erritual gisa. Zirkuluaren eta etengabeko mugimenduaren sinbologia aldetik hor ditugu eguzki-loreak, lauburuak, bere etengabeko gurpilarekin jira eta bueltaka; eta berriro, sinbologia horretan mugimenduaren norabidearen balioa agertzen zaigu; ez da gauza bera ezker aldera jiratzea edo eskuin aldera. Horren arabera begizkoa bota diezagukete eta zori ona edo txarra izan bizitzan. Txinatarren eta Hinduen kulturan txakra kontzeptua agertzen da, gure barneko gurpil energetikoez, bizimaileez osatua. Txakra edo gurpil horiek moteltzen doazen neurrian, gure osasuna ahultzen doa eta hiltzera irits gaitezke baldin eta guztiz blokeatu eta gelditzen badira. Argiak eta ilunak duten garrantzia begi-bistakoa da, baita itsuarentzat ere. Ilunpetako mundua beti izan da erakargarria gizakiontzat, ezezagunak sortzen duen lilura eta beldurra nahasturik baitoaz. Amalurren arrakaletan zehar, bere sabelean barneratzen garenean, gure barneko iniziazio bidaia baten paralelismoa aurki dezakegu. Asia ekialdeko filosofietan, batik bat, aurkitzen da etengabe norberaren barnera bidaiatzeko, geure burua ezagutzeko beharra, mendebaldeko buruoi hain zaila egiten zaiguna; nahiago izaten dugu azalean geratzea ohi bezala, iluntasunak, Gaueko beldurgarriak sortzen digun izua dela eta; beharbada bidai horri ekingo bagenio, hainbat ustekabekin topo egingo genuke eta horietariko bat, eta arriskutsuena eromena izan daiteke. Iniziaziorako bidaia horien lagungarri drogak izan ohi dira kultura guztietan. Drogek txaman, azti, sorgin edo dena delakoari norberaren iluntasunean barrena sartzen laguntzen zioten, baina arriskua zen bi mundu paraleloen artean geratzea, zein zen erreala bereizi gabe. Ametsen mundua edo amesgaiztoena ere aurreko guztiarekin ere lotu dezakegu, kontzientzia-inkontzientziarekin eta batzuetan hor datorkigu Inguma mitoa gure ametsak gaiztotzera. Esan dugu Amalurren erditzearen ondorioz zaurietako bat urarekin lotuta zegoela baita ere, eta horren adibide ditugu putzu, aintzira urmael edota padurak. Itsasoak, ordea, ez du garrantzirik gure mitologian, seguruenez, esan dugun bezala lurrari erabat atxikituta sortu zelako, lurrak babesa, bizitza eta segurtasun gehiago eskaintzen zuelako itsasoak baino. Itsasoa masa informe guztiz ezezaguna zatekeen antzinako gizakiarentzat; nahiko lan lurraren fenomenoak ulertzen! Uraren ezaugarri nagusienetariko bat, lasai dagoenean, sendagarria, lasaigarria dela esan genezake, baina halako batean haserretzen bada, gupidagabea ere izaten badaki uholdeen bidez, euri jasen bidez edo txikizioaren bidez. Lamiak, emeak baita ere, hor daude arrakala busti horiek zaintzeko, gordetzeko, baliatzeko. Lamia, zaintzen duen erreka edo ur multzoak bezala, badaki gupidagabe izaten hurbiltzen zaion edozein gizaki kuxkuxeroarekin. Beti esan ohi da errekak eta ibaiak itsasoa bera baino “azpisuge”, traidoreagoak izan daitezkeela zuloetan sortzen diren “traganarru” ibaitarrak direla eta. Ur arriskutsu horietan mugitzen dira gure lamiak, nor eroriko. Ura sendatzeko, ura itotzeko. Biak ditu bere baitan, mito guztiek bezala. Atal honi amaiera emateko hor ditugu beste elementu garrantzitsuak: basoa eta zuhaitzak. Garai hartako basoak gaindiezinak ziren, zeharkaezinak; hurbiltzeak berak beldurra eragiten zuen bertan bizi zitekeen piztien babeslekua baitzen. Egurrez osatutako unibertso ezezagun bat zen, suaren bidez meneratu zitekeena soilik. Askotan esaten dugu zuhaitzek ez digutela uzten basoa ikusten edo huskeriek arazoaren osotasuna bistaratzea eragozten digutela, azaleko kontuetan geratzeko erraztasuna dugula, alegia. Basoek behar zuten jenio zaindari bat, Basajaun izena eta izaera eman zioten, onginahia gehienetan, baso zaindaria, barneratzen zen gizakiaren laguna, beharbada. Gizakiak behar zuen norbait mundu ezezagun, beldurgarri horretan gerta zitezkeenak azaltzeko. Basajaunaz gain, Bidasoa aldean bada beste mito bat, Irandatz, zuhaitzen jainkoaren papera betetzen duena. Basoa zerbait itxia da eta barnean sartzeko zauritu behar da,otzandu gure esanetara, bestela zeharkaezina da. Gizarte sedentarioak sortu ziren heinean, bi tresna lagungarri erabili zituzten basoa bereganatzeko, menperatzeko: sua eta goldea. Suarekin basoa birrintzen zuten etxaberen bazkaleku bihurtzeko eta segidan, goldearekin lurra urratuz, zauritzen zuten, aleak erein eta uzta eskuratzeko. Bi elementu hauek Inauteri askotan agertzen dira, sua bereziki. Goldearena emankortasun erritoekin lotu ohi da eta Altsasuko Mamotxorroak ditugu horren erakusgai. Piztien kaosari erantzuteko mitoak: Piztien kaosa antolatzeko esanguratsuenak, ondorengo hauek dira: Hartza, otsoa, zezena, zaldia eta akerra . Piztiez hitz egiterakoan, ezinbestean, totemismoa agertzen zaigu; horrekin esan nahi dudana zera da, piztiek gizakiarengan sentimendu kontrajarriak sortu dituztela, hala nola, gorrotoa, beldurra, miresmena eta horrek eraman gaitu identifikatzera beraien ezaugarriekin: indarra, ausardia, abiadura, odol grina, askatasuna, etab. Identifikazio horren bidez bestelako siniskeriak garatu ditugu, erdi gizaki erdi abereen kategoriakoak. Hor ditugu Gizotsoa, Zaldiko, Momotxorroak, Akerbeltz, Hartza. Mito hauen sorkuntza gizakiak arau sozial eta natural bat apurtzean bilatu behar dugu; haratago joaten bagara, gizakiaren balizko sozializazioa baino lehen egon daiteke jatorria, edonork bere baitan daraman bulkadan edota antzinako sena,burmuin narrasti hori, gure izaera logikoaren gainetik nagusitzean. Harreman sexualen tabuetan, zoofiliak badu bere tokia, ezkutua, gizarte arauak hausten dituelako eta horregatik zigor bat eskatzen du, garaian garaiko botere erlijiosoen zein zibilen eskutik etorriko zitzaiona, status quo morala mantentzeko. “Naturaren aurkako” horrelako kasuak argudiatzeko eta, beharbada barkatzeko, hor dabiltza dantzan ustezko arrazoiak, hala nola: Pizti horiek jandako belarrak jatea. Beraiek edandako putzu berean edatea. Biluzik lo egitea ilargipean. Abere horien larruarekin estaltzea. Magia edo begizkoak erabiltzea. Abereak berak haginka egitea. Beste askotan, ordea, malformazioak ziren bidea horrelako usteei, bai piztiengan zein gizakiengan, eta horrek halabeharrez bazterketa, zurrumurruak, esamesak eta iluntasuna sortzen zituen, misterioarekin batera; horra hor agoteen kasua. Legenda edo sineskeria guzti horiek elikatzen zituzten hibrido horien mitoa non gizakiak piztiarekin bat egitean naturaren aurkako nahaste bat sortzen zuen. Kasu gehienetan gizona da nahasten dena piztiarekin, bortxaz, bere ezkutuko apeta bortitzenak azalaraziz; horrekin justifikatu nahi da, nolazbait, gizakiaren, gizonaren alde bortitza, aseezina eta kontrolagaitza, piztiak gain hartzen baitio, ustez. Giza-pizti hauen zerrendan, ordea, gurean ez dago hegaztirik, agian askatasunaren ikur nagusiena delako, nahiz eta mitologia grekoan Pegaso zaldi hegalaria existitu edota Harpiak, erdi emakume erdi hegazti. Horiekin batera horra hor piztiek haien artean egindako nahasketak, Artzanora kasu, hartza eta zakurraren artekoa. Baita ere agertzen da akerra eta hartzaren arteko nahasketa. Kasu guzti horiek ikusita ondoriozta dezakegu gizakiak askoz zailago zuela eta duela naturaren kaosa kontrolatzea abereena baino, azken batean bere eboluzioaren katean noizbait suposa dezakegu pizti baten ondorengoa izan dela; euskaldunon kasuan, hartzarena, zutik ibiltzeko gaitasuna zuelako, edo zutik jartzerakoan giza itxura har zezakeelako. Hartzaren presentzia euskal inauterietan handia da; batzuetan akerraren buruarekin jantzita dago eta menperatua, lotuta agertzen da, jendea modu kontrolatuan erasotuz. Kasu bakarra daukagu gure inauterietan non piztia ez dagoen hezita eta da Altsasuko momotxorroetan. Abere totemiko horietan, euskal inauteriak egiten duena edo saiatzen dena adierazten zera da, gizakiak natura meneratzeko duen beharra edo grina, bera bizidun guztien gainetik jarri eta nagusigo hori agerian uzteko. Gizakion kaosari erantzuteko mitoak: Lapurrak, erraldoiak, munstroak, gaixotasun eramaileak, eroak, arrotzak, baztertuak... zerrenda hau izan daiteke gizakiaren kaosa ekintza zehatzetan gauzatzen duena, bakarka zein taldeka; horiei guztiei gainera gerrateak gehitzen badizkiegu kataklismoa erabatekoa da. Horietariko bakoitza ordezkatuta dago euskal inauterian: hor ditugu Miel Otxin lapurra eta erraldoia, Tartalo, Ziripot, Arotza eta Zanpantzar munstroak, buhame marjinatuak, ferratzaile aurpegi gabeak eta gure inauterietatik kanpo geratu diren erraldoiak eta buruhandiak, dantzari modernoak. Kaos horretan dualtasun garrantzitsuena on eta gaiztoaren artekoa da, behin eta berriro inauteriaren antzezpenak eskaintzen diguna: gaiztoa seinalatu, atxilotu, epaitu, zigortu eta kasu askotan erail. Justiziaren kontzeptua gizakiarekiko manikeoa da: alde batetik gizarte justu eta solidario bat mantentzea izango luke helburu baina bestetik, giza arrastotik ateratzen den adierzpen oro birrinduko du. Narrastiaren arrastoak ezabatu nahi ditugu gure kode genetikotik kontrolaezinak direlako, gure izaera bortitzaren hondakinak direlako, naturak gu menperatzen gaituenaren seinale direlako; hala ere, gure bortizkeriak ez du mugarik eta aldiro-aldiro erakusten dugu alde iluna, kontrolaezina eta ankerra, naturan esistitzen ez dena. Kontrolaren beharra, nahia, gure izaerarekin lotuta doa. Kontrolatu nahi dugu gure sena, askotan naturaren kontra jokatuz; kontrolatu nahi dugu natura, piztiak, teknologia, bizitzaren zirrikiturik minimoena; kontrolatu nahi dugu bizitza bera, azken batean, hilezinak izan nahi dugulako. Hori da gure azken erronka, guztiz ahaldunak bilakatzea, sortzea eta heriotza menperatzeko, kaosa kontrolatzeko, naturarena baina ez gurea. IV. KAOSAREN ETA MITOEN ANTZEZPENA Inauteria neguan egiten den antzezpen mota bat da. Mitoak, modu ordenatuan, erritual baten barruan agertzen dira, bide batez, kritika, parodia, iseka eta gizartearen berrantolaketa eta ihesbidea bilatuz; dena den, ez dugu ahaztu behar, hastapenetan, naturaren kontrako garaipena ospatzeko, aldarrikatzeko balio izan zutela. Ondorio horretara iritsi nahi dut gogoeta lan honekin. Gaurko inauteriei hainbat apaingarri kentzen badizkiegu, muinera joanez, ikusiko dugu antzinako gizarte pagano baten irudikapena ematen digutela eta hainbat sinbolo eta mitoren laguntzarekin antzinako kosmogonia interpretatzeko gakoak eskaintzen dizkigutela, kaosaren hastapen gurpila antzemateraino. INAUTERIA MAGIA MITOAK, TOTEMAK HELBURUAK MASKARADAK(Zuberoa) DANTZAK, JAUZIAK:Amalurretik aldendu nahia, loturak gainditu beharra…lurra kolpeka esnatu HERIOTZA-JAIOTZA: Pitxuren berpiztea. PITXU: Gizotsoa ZAMALZAIN: Zentauroa GATUZAIN: Katua BARRIKADA JAUSTIA:Oztopoak, debekuak gainditzea.KANPOKOAKBERTAKOAK: Beltzak/gorriak.ZALDIKOA FERRATZEA, ZIKIRATZEA:natura menderatzea.Pitxu, udaberia berpiztea LANTZ(Lantz) Dantza erritualakzirkularrakSUAren magia, balio garbitzailea IZUA (lapur erraldoiarekiko) MIEL OTXIN: erraldoia, lapurra. (NATURA) ZALDIKO: Zentauro AROTZAK: Munstroak ZIRIPOT: Munstro nagusia EPAIKETA.Lapurrak,Naturak, herritarren aurrean ordaindu behar du.DANTZA: suaren inguruan MOMOTXORROAK(Altsasu) SARDEA: jendeari erasotzeko(sardea= adarrak) GOLDEA: emankortasuna. Odolarekin erein. MOMOTXORRO:zezen-gorri odoltsua, sardearekin jendea harrapatu eta hil nahi duena, zigor gisa, kaosera bueltatzeko Indartsuaren legeaNaturaren indar kontrolaezinak aske.Taldeka/bakarka JOALDUNAK-IYOTEAK(Ituren eta Zubieta) Dantza konzentrikoak, errepikakorrak, trantzea.Zarata, dunbots erritmikoa, trantzea sortzeko JOALDUNAK: Aztiak dira HARTZA AKERRA Bukatu beharra dago, neguarekin, heriotzarekin, aro berri bati hasiera emateko, bizitzarenari, alegia. Lau inauteri aukeratu ditut gogoeta hau egiteko; Zuberoako maskarada, Lantzeko inauteria, Altsasuko momotxorroak, eta Ituren eta Zubietako joaldunak-iyoteak.. Horietan, bai antzezpen erritualaren aldetik, zein pertsonaien aberastasunaren eta esanahiaren aldetik, baditugu nahiko elementu inauteriak kaosaren eta mitoen antzezpena direla baieztatzeko eta, are gehiago, gizakiak, natura menperatzeko asmoz, erabilitako erritualak direla. Zer da errituala? Goazen errepaso labur bat ematera bere esanahi eta helburuak zehazte aldera. Esanahi sinbolikoa duten ekintzak direla esan genezake. Zerbaitengan sinisten dugulako eta sinismen hori finkatu, indartu eta berritu nahi dugulako egiten ditugu. Sigmund Freudek, neurologo austriarrak, zioen erritualaren funtsa gizakiaren tentsioak askatzeko tresna zela; bere ustez antzeztutako inauteri, erritual horiek katarsia sortzeko eragina zuten norbanakoen eta taldearengan eta sekulako intentsitatea eta transformatzeko boterea emateko gai ziren; horra hor bere arrakastaren zergati bat. Gerora, inauterien bilakaerak ildo horri heldu dio nagusiki, gizarte arautuaren liberazio aro bati, alegia, non delako arauak apurtzeko “baimena” ematen diogun elkarri,, mozorroen, trufaren eta isekaren bidez. Victor Turner antropologo eskoziarraren lana erreferente izan da antropologia sinbolikoan. Berak mito eta errituala lotzen ditu esanez erritual bakoitza mito baten berreraikitzea dela. Errituala antzeztean berreraikitzen ari gara mitologia eta nire aburuz, mitologia kaosa ordenatzeko panteoia denez, funtzio bera betetzen dute inauteriek, inauteri batzuk. Erritualen helburuak: Jainko baten gurtzea Indar gaiztoak uxatzea, haiengandik babestea Haurtzarotik heldutasunera pasatzea Sendatzea, gaixotzea Oparotasuna edo pobrezia ekartzea Etxea eta etxekoak babestea, hondatzea Amodioa edo gorrotoa sortzea Etorkizuna iragartzea Erritualak eta sakrifizioak: Hainbat kulturatan era guztietako sakrifizioak burutu izan dira helburu horiek erdiesteko, hasi gizakiongandik eta bukatu abereekin. Ezin dugu ukatu gure inauterietan ere odola funtsezkoa dela ( Momotxorroek soina odolez bustitzen dute) hildakoaren erraiekin batera ( Pitxuren heriotzan abereen tripak barreiatzen dira jendartean). Eliza katolikoak debekatu egin zituen praktika hauek paganismoaren ikur zirelako, baina inauterietan, modu batean edo bestean, jokabide horien aztarnak anabasa eta kaosarekin batera antzeman ditzakegu. Ohikoa da antzezle odoltsuak zein barrunbez inguraturikoak jendearengana hurbiltzea besarkada emateko. Horrek nazka edo ikara sentimendua sortzen du jendearengan eta ihesarekin edota blokeoarekin erantzuten dugu. Sakrifizioaren ondorioen gutxieneko partekatzea litzateke ekintza hori. Erritualak eta inauteriak dantza eta musika behar du: Zerbait baldin badago gizakiok elkartzen gaituena, musikarekin batera, dantza da, eta gerora eman diren apaingarri guztiak kentzen bagoaz iritsiko gara dantza zirkularren eskema orokor batera non norabide batean zein bestean taldea elkartzen zen errituala burutzeko. Inauterietan gauza bera gertatzen da, ez dago dantza eta musikarik gabeko jatorrizko inauteririk. Dantza erritualak, dantza zirkularrak dira kultura askotan eta zirkuluan dantza egiteaz gain, alde batera zein bestera, lortu nahi dugun helburuaren arabera jauziek ere hartzen dute protagonismo berezia. Zer dira jauziak azken batean, interpretazioaren minimalismora jotzen badugu? bi gogoeta ateratzen zaizkit, bata Amalurren loturarengandik ihes egiteko nahia, aske geratzeko grina, bere erakarpen menperatzaile hori gainditzeko asmoz, eta bestea, jauzi horien bidez, lurra kolpatzearekin batera, neguko lozorrotik ateratzea. Erritualak ikurrak eta tresnak behar ditu: Sinbologia garrantzitsua da eta erritualaren xedearen arabera, aldatzen doa; izan daiteke arao bilduma bat gaixotasuna, zoriontasuna, amodioa, gorrotoa edota zoritxarra erakartzeko, eta erabil ditzake baita hainbat elementu, bai materialak zein espiritualak, norabide horretan. Kobazuloetako gizakien garaietan, hormetan margotutako piztien irudiek ehiza erakartzeko balio sinbolikoa omen zuten. Ikus ditzagun inauteri hauetan erabiltzen diren hainbat ikur: Goldea: Emankortasun erritoa. Sardea: Jendea erasotzeko, mintzeko, odolusteko sinboloa. Sua: Garbiketaren sinboloa. Odola: Erritualen sakrifizioetako eskaintza. Erraiak barreiatzea: Zikintzea,babestea. Joareak: Hartza, esnatzeko, uxatzeko, zarata sortzeko Ferrak: Natura menperatzeko, iltzatzeko. Deiadarrak: Hartzari deitzeko edota izpiritu gaiztoak uxatzeko. Isipua: Izpiritu gaiztoak uxatzeko erabiltzen den zurda. ITUREN ETA ZUBIETAKO IYOTEAK Protagonistak: Joaldunak, Hartza eta Akerbeltz. Zer elementu mitologiko antzeman dezakegu bakoitzaren baitan? Joaldunen funtzioa da bere tresna sinbolikoen bidez (deiadarra, ttuntturroa, artilea, joareak eta isipua) natura, Amalur, Hartza esnatzea bere neguaren lozorrotik, negu gorritik, udaberria, argia, bizitza itzul dadin gizakiongana. Horretaz gain badu ere emankortasun errituarekin zerikusia; isipu sinboloak betetzen duen helburuaz ari gara; alde batetik lurra bustitzen du emankortasuna ernetzeko eta bestetik izpiritu gaiztoak uxatzen ditu lurra babesteko. Horrela onartzen da gaur egungo interpretazio gehienetan, baina jauzi egin dezagun espazioan eta joan gaitezen Balkanetara, Europa ekialdera, gurearekin erabateko lotura duen inauteri bat aurkitzera, Kukeri izenekoa, gaur egun Bulgarian ospatzen dena. Bulgariako Kukeri inauteriak irudi ikusgarriak eskaintzen dizkigu mitoaren ulermenean atzera egiteko. Diotenez, 4000 urteko antzinatasuna du eta Europako zaharrena da. Kuker da pertsonai nagusia eta argazkietan ikus dezakegunez, joaldunen parekoa da ezberdintasun batzuekin: aurpegia estalita daramate, zazpi abereren larruak daramate soinean eta askoz joare gehiago, neurri guztietakoak. Ustaritzeko inauterian baditugu horien antzeko pertsonaiak, Kotilungorriak; aurpegia estalita daramate, isipu luzeagoak eta joare txikiagoak. Itzul gaitezen nolabaiteko paralelismoaren bila Bulgariako Kukeri inauterira eta, konkretuki, Kuker pertsonaiarengana. Traziako tribu indoeuroparrek ospatzen omen zuten (k.a 3000 urte-k.o.3. mendera arte) nekazal urteari hasiera emateko, eta horren adierazgarri da goldea, eta lurra goldatzearen antzezpena. Emankortasun erritualari are gehiago lotzeko ere, Kukerrek egurrezko zakila bat daramate zintzilik eta aldiro harreman sexualen antzezpena egiten dute emakume haurdunekin, horren adierazgarri. Inauteri mota hau bi arotan ospatzen da: urte berriaren hasieran, eta martxoan, garizuma hasi aurretik. Traziarrek hilezkortasunean sinisten zuten, inguruko beste kulturek ez bezala, eta dirudienez, inauteri hau Dionisos jainkoa gurtzeko egina da; Dionisosek ardoa, emankortasuna eta berpiztea irudikatzen ditu. Badago inauteri honetan beste Kuker berezi bat, Yetiaren itxura duena, erraldoia, ilez josita hasi burutik eta hanketaraino, hainbeste non ez zaio aurpegia ikusten; zer mito euskaldun ekartzen digu horrek gogora? bai, Basajaun iletsua, gure basoetako zaindaria. Guzti hau esan ondoren itzul gaitezen Euskal Herrira eta azter ditzagun hainbat paralelismo. Esan dezakegu, material grafikoa eta idatzia ikusi ondoren, gure joaldunek mito zibilizatuago, gizatiarragoa eskaintzen digutela Bulgariako inauterietako Kukerrekin alderatuta; erraietara joateko, beraz, Kukerra Joalduna baino esanguratsuagoa da. Ikus ditzagun horien ezaugarri mitiko batzuk. Aurpegia estalita darama, askotan bi mozorroekin ( gaizkiaren eta ongiaren dualtasuna) eta ttuntturroek, garaiera ematen diote, handiagoak, erraldoiak eman dezaten. Beste Kuker/joaldun batzuk, itxura aldetik, gure Basajaunaren parekoak dira. Antzezpen horretan emankortasuna, lurra ereitea (goldearen bidez), lurra esnatzea,BERPIZTEA eta izpiritu gaiztoak uxatzea bilatzen da. Joareen, dunbotsen bidez, modu anarkikoan edo ordenatuan, biak tartekatuz, zarata sortzen dute bai hartza eta bai Amalurra esnatzeko. Gure Joaldunek artilea soilik daramate soinean; Kukerrek ZAZPI ABEREENA, haien indarra bereganatzeko ( Naturaren ordezkaritza zabala, hor nonbait) Bulgarian eta Serbian Kukerrari JAINKO izaera edo kategoria ematen zaio, mito bat da, beraz. Balkanetako herrialde askotan horrela ospatzen da eta esanahi bera du. Akerraren edo ahuntzaren sakrifizioa landaretzaren berpiztearekin lotzen dute baita ere. Akerbeltzaren partehartzea, beraz, ikuspuntu horretatik komeniko litzaiguke aztertzea. Kukeri (inauteria) Kuker (joalduna), antza denez, latineko cuculla( kapusaia) edota cucurum (dardarka) hitzetatik dator; lehenak misterioa irudikatzen du, iluntasuna, eta besteak zintzarrotsa, galarrotsa, zarata, neguko hotza astintzeko beharra, gainetik kentzeko beharra. Elementu guzti horiek ikusita saiatuko naiz azalpen bat ematen, nire teoriaren arabera. Gure antzezpenean, badago normalean jende gutxik ezagutzen duen atal bat eta da, baserriko ukuilu edo soto batean joaldunek bere soineko eta joareak jantzi ondoren egiten duten entsegua; entsegu horretan bateratzen dute bai pausoa zein erritmoa eta joareen intentsitatea; hori egiteko, halabeharrez esango luke norbaitek espazio faltagatik, zirkuluan aritzen dira behin eta berriro nahi duten soinua lortu arte. Soto horrek psikofonia berezia ere badu, trantze erritmiko-musikala sortzeko, bozgorailu gisa funtzionatzen baitu. Zirkulua berriro ere agertzen zaigu, sorgin gurpila, lauburua, ezker eskuin, ona eta gaiztoa, mitologiaren eta unibertsoaren ekidin ezinezko dualtasuna, birsortzearen prozesua martxan jartzeko makinaria zaratatsua, ordenatua. Iturengo eta Zubietako inauterietan joaldunak natura birsortzeko, esnatzeko prestatutako eragile koordinatuak, disziplinatuak, espezialistak dira; armada baten gisa, bi lerro zuzenetan abiatzen dira bere helburua betetzera joaldun nagusiaren agindupean. Orden horren inguruan: anabasa, kaosa dabilkie itzulika. Inauteri horren mozorroak beste inon baino gordinagoak dira, eta burutzen dituzten ekintza basak gehienetan ikusleak asaldatzea eta lotsaraztea dute helburu. Ez dago dantza apaingarririk Maskaradetan eta Lantzen bezala, ez, bere gordintasunean esnatzen dute Amalur, Hartza; modu zakarrean,esango nuke, gupidarik gabe, bortxaz ia-ia, Kukerrak Balkanetan bezala . Antzinako gizarteetan, beste mundu horrekin elkarlotzeko giltza txamanak ziren; gurean aztiek edo sorginek betetzen zuten zeregin hori. Joaldunek ez al dute gauza bera egiten, desfile bateratuaren bidez, bere joare eta polunpen soinu errepikakor, gor, ozen hori baliatuz? Ez al dira, beraz, gure txamanak, gure aztiak, naturaren, Amalurren baitan sartzen direnak, hartz totemikoa esnarazteko? Esku-hartze hori ez al da gizaki handinahiaren ispilu? hots, nik erabakiko dut noiz esnatu behar duen naturak, bera bestela, agian lozorroan jarrai dezake gure hondamendirako. Ez diogu onartzen lurrari, Amalurri, bere kasa, aroetan barrena, dagokion zikloak betetzea, ez, guri komeni zaigunean interbentzioa egiten dugu, agintzen diogu noiz eta nola esnatu behar duen, musikarekin, zaratekin, oihuekin, zikiratuta edota epaituta. Joalduna, Kukerra, konpartsa guztiaren laguntzaz ausartzen da zeregin hori betetzen, aurre egiten dio naturaren ziklo logikoari, beharrezkoari, aski dela esateko, eta dauzkan trikimailu eta tresna guztiak erabiliko ditu hori gerta dadin; denak balio du gatazka horretan , norgehiagoka horretan, etengabeko lehia horretan. Natura hilik dago neguan, urtaroen zikloan, gaur egun baino askozaz gordinagoak ziren aro horietan eta berpiztu beharra dago. Kaosaren gurpila da. Esnatzerakoan bizitza ematen digu, baina lokartzerakoan edo eztanda egiterakoan, aidean eramaten gaitu orbelak bezala. Hori da Joaldunen antzezpena, betebeharra, naturaren kontra joatea, borrokatzera, baina taldean badaezpada, jakin badakite, bakarka ez direla gauza aurre egiteko Hartzari, Amalurri. ALTSASUKO MOMOTXORROAK Altsasuko inauterian mito nagusia zezena da eta bere inguruan mugitzen da antzezpen guztia. Inauteri hau gerra zibilaren ostean, 1990ko hamarkadan, berreskuratu zuten. Gainbegira azkarra ematen badiogu mito honi eta izandako funtzioei, zerrenda luzea osa genezake; hona hemen zezenaren mito esanguratsuenak: Zezenaren balio mitologikoa: Momotxorroak: Kontuan hartu behar dugu Altsasu herriaren kokapena; Sakana bailararen erdialdean dago eta bat egiten du Aizkorriko mendikatearekin, Aralarkoarekin eta Urbasarekin; esan nahi baita natura eta basoa bere gordintasunean izango zirela nagusi ingurune horretan. Gertuko mendikatea dute Urbasa eta apur bat ezagutzen duenak jakingo du, Euskal Herriko mendi gehienetan bezala, lurralde karstikoa dela, hots, urak erraz zula dezakeena eta, ondorioz, leize, koba edota haitzuloz jositakoa. Amalurraren zauri hauek, garaien arabera, aterpe, babesleku edota misterioz jositako gune debekatutzat hartu ditugu euskaldunok, baina mitologian Zezengorri, Betizu, Momotxorro, edo Aatxeren bizileku dira. Gera gaitezen une bat Aatxe delako jainkoarekin. Joxe Miel Barandiaranek dioenez (Axular´en itzala, Gure-Herria, 1957) Lezian (Sarako leizea) bizi den zezen edo behi itxurako jeinua zulo zabal hartako zaindaria da. Zenbait kasutan gizon itxura hartzen du, eta hala, iraindu dutenak zigortzen saiatzen da. Horregatik deitzen dute inguruetan Etsai, “arerio” edo “deabru” esan nahi duena. Leziako bizilekuan irakasten zituen Etsaik bere arte eta zientziak. Mariren eta lur barnean egon daitezkeen altxorren zaindaritzat jo izan da baita ere. Funtzio guzti horiek kontuan hartuta osatu zen, seguruenez, Altsasuko inauteriko jeinu hau. Itxuraz beldurgarria, odoleztatua, aurpegia estalita, adar handiz hornitua eta eskuetan sardea darama. Odola erritualetako elementu garrantzitsua dugu, Mariren gordelekuan barrena muturra sartu duten gizakiak zigortzeko, zauritzeko sinboloa; artileak pizti itxura handiagoa ematen dio, burutik oinetara estaltzen duelarik. Bizkarra piztiarena, aurrealdea gizakiarena, ohiko dualtasuna, Minotauro osatzen duten elementuen bestelako bertsioa. Atzea, aurrea, piztia, gizakia, larrua, odola; gizakiaren alde iluna adierazten duen basapiztia, kontrolagaitza, menderaezina, basa, hiltzailea, inauteriak berak ere meneratuko ez duena. Badugu, beraz, naturaren indar bat, piztiei, abereen kaosari dagokiena, heziko ez dena erritual horren bidez. Uro zezen euroasiatikoaren ondorengoak edota bisontearenak izango ziren duela bi milioi urte Asia erdialdean sortu eta barreiatzen joan zirenak Europa guztia bere egin arte. Arrek bi metroko goiera izan zezaketen. Abere migratzaile horiek taldetan bizi ziren eta dirudienez, Iberiar penintsularen egungo transhumantzia bideak, beraiek sortutakoak dira. Oso erasokorra eta azkarra omen zen: "...libra nazazu Jauna, lehoiaren ahotik, eta entzun nazazu uroen adarretatik libra nadin..." (Salmo 22:21). Taldearen garrantzia ere mito hauen azterketan garrantzitsua da. Hala nola Basajaun, Mari edo Sugaar edota beste hainbeste jeinu bakarrak eta bakartiak diren, Momotxorroa taldekoia da, taldean erasotzen du, ez bakarka, nahiz eta kobazuloak zaintzen duen Aatxe horrek izaera bakartia duen. Jakina da gure mitoen panteoiaren osaketan banakoen izaera gailentzen dela, baina horren zergatia ez da gogoeta honen helburua. Altsasuko momotxorroek taldeka antzezten dute bere haserrea gizakiarekiko, zerbait iraingarria egin omen diotelako berak babesten dituen balore primigenioei, basoei,leizeei. Horregatik, kaleetan barrena, bere sardez, oihuz, joareez hornituta hilketa erritual, jendetsua burutu nahi du bere etsaia den gizakiaren kontra. Ez al da Amalur erasotzea eta iraintzea, basoak neurririk gabe ustiatzea, uroak, zezenak, akabatzea, neurrigabeko ehizan tematzea, Urbasako kobazuloetan behin eta berriro sartzea? Horrela irudikatuko zuten antzinako biztanleek Uro, Zezen, Aatxeen eraso gregario beldurgarriak. Eraso horietan izua da metxa pizten duena, eta izu hori askotan, gizakiaren interbentzioak sortzen du, gerora geldiezina eta kontrolaezina bezain bortitza izan daitekeena. Eraso horien irudikapena, beraz, hor dago baina zertan datza zezenaren bikoiztasun hori? Minotauroarena, Momotxorroarena? Bizkarra zezenarena, atzealdea, eta bularraldea gizakiarena, zuria baina odolez tindatua. Askotan esan ohi da Troyako gudaldian bezala, ezin baduzu aurrez aurre garaitu etsaia, hoberena dela bere erraietan sartzea, berarekin nahastea, horrela meneratuko duzulakoan. Gauza bera gertatzen da aipatu dugun lehen inauterian, hots, Joaldunena, non taldeka ere erasotzen diote naturari, txamanez osatutako armada baten gisa. Aatxerengana itzuliz, lehen aipatutako izaera guztiez gain, kaosaren sortzailetzat ere daukate Saran. Nola uztartu dezakegu Momotxorro-Aatxe-Behigorri-Zezengorriren izaera basatia, oldarkorra Kaosaren sortzearekin? Nik uste esandako elementu guztiekin aski erreza dela “nolabaiteko” kaosa irudikatzea. Anabasa hori gerta ez dadin momotxorroaren aurrealdean, alde gizatiarrean, odola agertzen da, jeinuari dagokion sakrifizioaren sinbolo esanguratsua. Gizakiaren aldean, agertzen da gizakiari dagokiolako eskaintza hori egitea, baina mito hau ez du meneratuko, bere aurka altxatuko baita behin eta berrio, etengabeko erasoen bidez. Ni hemen argudiatzen ari naizen kaosa, edo hitz ponpoxoetan esanda, Unibertsoaren sorrera, ez da ezta urrutitik ere inauterietan lantzen den kaos kontzeptu bera; beste maila batekoa da baina ez horregatik makalagoa, ez horixe. Garai hartako gizakientzat kaotikoa izango zen pizti saldoen erasoak edo ihesaldiak, hainbesteraino, non gizatalde guztiaren biziraupena kolokan jartzen zuten; ba ote dago zerbait ikaragarriagorik? Ez dezagun pentsa digresio filosofikoetan gaua ematen zutela gure arbasoek kobazuloaren txoko batean, ez; bizirautea kaosari eustea zen; horretarako “etxeko kaos” horri erantzuteko, argudioak, antzezpenak, erritualak, antolatu behar zituzten zerua gainean ez erortzeko. Nahiko lan horrekin. Big bang teoria, seguruenez, ez zegoen bere zalantzen zerrendan. Azken elementu bat aztertzekotan, ez otzantzearena litzateke. Momotxorroak, inauterietako beste jeinu asko ez bezala, ez dira otzanak, ez daude hezita, meneratuta, alderantziz, bere izaera basa, hezkaitza, mantentzen dute; naturaren izaera primitiboa daramate aldian nahiz eta gizakiarekin nahastuta egoterakoan ahultzen dijoan indar hori, tarteka. Beraz, ondoriozta dezakegu gizakia Momotxorroaren baitan sartzen, nahasten saiatu den arren, ez duela lortu haren izaera basatia meneratzea eta gai dela, aldiro-aldiro, kaosa sortzeko. Jeinuaz, mitoaz gain, badugu beste elementu edo sinbolo garrantzitsua inauteri honetan: goldea. Goldearen esanahia jakina da eta emankortasun erritualekin lotuta dago; lurra urratzea, zauritzea, da bere betebeharra gero zauri horretan hazia bota eta uzta erna dadin, bortxaz. Sakrifizioen odolak ere balio du urratutako lurra ureztatzeko . Gizakiok goldetik tiraka, inauteri guztian zehar zeregin hori beteko dugu gure helburua lortu arte, baina ez dugu inoiz Momotxorroa uztarrian uztartuko, ezta gutxiagorik ere! LANTZEKO INAUTERIA Aztertzen ari naizen inauterien artean Lantzekoa da, ene ustez, bere antzezpenean gehien gordetzen duena hastapenetako izpirituak eta pertsonaiak; esan nahi baita, ez dituela beharrezkoak ez diren pertsonaia apaingarriak gehitzen interpretazioaren nondik norakoa estaliz, desitxuratuz. Oso garbia da bakoitzaren funtzioa eta nolabaiteko hierarkia. Hierarkia Pertsonaia nagusia, Miel Otxin erraldoia, lapurra izango litzateke, segidan Zaldiko eta Ziripot, parez pare, eta bukatzeko, Arotzak eta Txatxoak. Antzezpena Miel Otxin atxilotzen dute, herrian zehar eraman eta tiroz hiltzeko; sutara bota eta inguruan dantzan aritzen dira herritarrak. Zaldiko eta Ziripot dualtasun bat antzezten dute, Zaldiko behin eta berriro oldartzen zaiolarik Ziripot munstroari. Txatxoek Zaldiko atzeman eta Arotzengana eramaten dute ferratu eta askatzeko. Pertsonaien eta sinboloen interpretazioa Inauteri honetan badaude bi zalantza argitzear; normalean Zuberoko maskaradarekin egindako paralelismo bat dela eta, hango Zamalzainaren zikiratzea eta Lantzeko Zaldikoren ferratzea zaku berean sartzen dira, hots, naturaren meneratzea edo hezitzea; gizakiaren interbentzioa, garaipena, hor nonbait. Baina badago Lantzen beste mito garrantzitsua, bai tamainoz zein esanahian eta hori Miel Otxin da. Onar genezake, arazorik gabe, Zaldikoren interpretazioa Txatxoek atxilotu eta Arotzek ferratzerakoan baina zer esan gure erraldoiaz? esan ohi da lapurra irudikatzen duela eta herritarrek harrapatzean, lepoan hartu eta denen aurrean paseatu, erakutsi ondoren, tiro eman eta erretzen dutela. Interpretazio hori balekoa izan daitekeen arren, nahiko sinplista da protagonistari ematen zaion sekulako zentralitatea eta gorpuzkera ikusita; gaurko janzkera apaingarrien azpian, ene aburuz, beste zerbait dago, beste zerbait adierazi nahi da. Miel Otxin berez nahiko handia bada ere, gainera, bizkar gainean ateratzen dute, gorpuzkera halako bi handitzen delarik. Ez ote du bizkar gainean eramate horrek zama, zama eskerga bat irudikatu nahi? Zein izan daiteke antzinako arbasoentzat, aroen etengabeko borroka horretan bizirauteko jasan behar zuten zama ikaragarria, erraldoia, eramangaitza? Ez ote da izango natura bera beraien bizkarretan bizitza osoan zeramaten zama erraldoia, hainbesteraino non askotan bere pisuak bizitza lapurtzen zion azpian zegoenari? Hor dugu, berriro ere, dualtasunaren borroka etengabea. Aurreko bi inauterietan,eta bereziki Altsasukoan, aurrea eta atzea bazeuden lehian (zezenaren larrua atzean gizakiarena aurrean) honako honetan goia eta behea, gainekoa eta azpikoa dira irudikatzen direnak. Baina ez dago orekarik zeren gainekoak, naturak, zeruak, Ortzik, normalean azpiko gizajoa menperatzen du; natura irabazle ateratzen da aroetan zehar, lehendabiziko itzulian, baina jarrai dezagun haritik tiraka, oraindik gizakiak ez baitu amore eman eta. Antzezpenean Miel Otxin erraldoia, natura kontrolaezina harrapatu, inguratu dute eta denen gozamenerako bizkar gainean daramate eroso, airean, plazan epaitzeko, erailtzeko asmoz. Indarra du gizakiak, bai horixe! bestela nola eraman dezake hainbeste pisu dantzan, jira eta buelta? Hor dago gure, gizakion indarraren adierazpen garbia: guk kontrolatu dugu eta guk kontrolatuko dugu natura, nahi dugunean. Pasa gaitezen hasieran aipaturiko bigarren pertsonaiarengana: Zaldiko eroa. Aske doa Txatxoen eta Arotzen artean inongo kontrolik gabe, aske, zaldi basaren pare sekulako jauziak emanez; pozik dago, aske baita eta gainera badu etsai bat, formarik gabeko etsaia, bizitzaren sormenaren kontrako adierazpen garbia: Ziripot. Ezin du jasan libre izan arren, min egiten dio, eta behin eta berriro itzultzen da eraso egitera; sekulako jauziak, ostikoak ematen dizkio lurrera botatzeko, ezin du ikusi oinez, ez da naturala, mamu bat da, ez da mundu honetakoa, ez da bere mundukoa eta hankapean darabil; baina munstroak laguntzaileak ditu, konpartsa handia gainera, Txatxoak dira eta zutitzen dute, laguntzen diote, babesa ematen diote herrian zehar. Zaldikok eraso, Txatxoek lagundu; hainbesteraino ze une batean Zaldiko bera atxilotu eta Arotzengana eramaten dute ferrak jar diezaioten. Ferrak jartzea, hasieran esan bezala, naturaren ordezkari bat, kasu honetan Zaldiko, meneratzea esan nahi du; baina ez al da gehiegi naturarekin lotutako bi elementu irudikatzea antzezpenean? baliteke, baina gauza bera gertatzen da Zuberoako maskaradan Zamalzain, Gatüa eta Kauterekin; bakoitzak Naturaren pizti, abere bat antzezten du. Nire ustez modu horretan gizakia saiatzen da adierazten bai bata eta bai bestea bere meneko direla. Jarrai dezagun gehiago xehatzen Lantzeko inauteria. Arotzak ere munstroak dira aurpegirik gabeak, pertsonaia guztiak bezala; ez dago aurpegirik, ez dago forma zehatzik, ez dira naturalak, ez dira ez mundu batekoak ez bestekoak eta ezin dira eroso egon, horregatik, Zaldiko haien kontra jotzen du behin eta berriro. Dena den, munstro horiek Txatxoen babesa dute; zer egin horrelako boterearen aurka? amore eman? Gizakiaren eta bere konpartsaren aurrean belaunikatu? ba, dirudienez, kasu honetan horrela izan beharko du, zeren Miel Otxin erraldoia hil egingo dute plazan eta segidan su emango diote. Su emateak, suaren gainean jauzi egitea garbiketa errituala da. Sua pizten da udako solstizioan eta bertara botatzen dira garbitu, babestu nahi ditugun gauzak eta gu geu ere gainetik pasatzen gara garbi gaitzan. Baina zertara dator Miel Otxin sutan erretze hori? posible al da Natura erretzea? bai zentzu metaforikoan zein errealean posible da, bai. Gizakia asentatu zenean nekazari eta abeltzain bihurtzeko lur eremuak behar zituen. Nola irabazi naturari, Urbasako, Lantz inguruko basoei borroka? dagoen modurik errazenean: sua ematen; behin eta berriro, urtero, landa zezaketen lur eremua lortu arte, beraien etxe-abereek behar zuten larreak lortu arte. Urtero egin behar zuten kontua zen, sua ematea naturari, basoari. Batzuetan, normala denez, jenioak haserretu eta Zezengorriren, Mamotxorroen formaz oldartzen ziren gizakien aurka. Beste batzuetan, Lantzen bezala, amore ematen zuten gizakien aurrean eta herri osoak dantzatzen zuen errautsen inguruan, dantza zirkular batean. ZUBEROAKO MASKARADA Zuberoako maskarada bukaerarako uzteak badu bere zergatia. Alde batetik, inauteri hauetan berpizkunde bat antzezten da, Pitxu gizotsoa hil eta berpizten da, eta bestetik Zamaltzain zaldi basatia, dantzaririk hoberena, atxilo eta zikiratzen dugu, zikiratzeak daukan sinbologia guztiarekin; bukatzeko, aipatu behar dut badela beste elementu bat dantzarekin lotuta, dantzak inauteri horretan sekulako garrantzia baitauka, eta da jauzi egitearena. Goazen ba aletzera atal guzti hauek. Pertsonaiak: Oso antzezpen dotorea eta aberatsa dugu Zuberoako maskarada, kolorez, pertsonaiaz, eginkizunez, kantaz, dantzaz. Euskal Herriko lurralde eder horretako biztanleak elkartzeko eta gure kultura bizirauteko balio du. Nire argudioei jarraitu ahal izateko, guztiz minimizatu beharrean nago inauteri eder hau. Zamaltzain eta Kauterekin geratuko nahiz bakarrik. Zamaltzain zaldi basatia, Lantzeko Zaldikoa bezalaxe, jauzika dabil harat-honat, nahiz eta dantzarien taldean sartuta egoterakoan, askatasun gutxiago izan. Pertsonaia horrekin lotuta eta dantza taldeko guztiekin bezala, esan beharra dago oso deigarria dela dantzaren barruan egiten dituzten jauziak. Lantzeko fandangoan ez bezala, hemen pausurik deigarriena, ikusgarriena, jauziz osatutakoa da; badirudi dantzari guztiek lurretik aldentzea dutela helburu. Jauzirik altuenak ematen saiatzen dira lurretik aldentzeko asmoz. Konparaketa guztiak zilegi ez diren arren, Afrikako Masai tribuari so bat egingo diogu. “Adamu” dantza dute nagusi eta jauziaren dantza du izena; zirkularra da, eta zirkuluan dantzatzen dute gizonek, zein baino zein altuago jauzi eginez. Badirudi lurra kolpatzea dutela xede, edo bere erakarpenetik aldentzea, ahalik eta gehien. Joaldunek bere galarrots zaratatsu eta konpasatuaren bidez lurra esnatu nahi dute, baina dantza hauen ezkutuko funtzio bat ez ote da gauza bera? jauzi eginez binaka, taldeka, behin eta berriro ez gara astintzen ari lurra tokian tokiko eskaerak egiteko? Euria, uzta, gaixotasunik ez izatea, gisako eskaerak; ez al dira izango, maskaradaren dantzarien jauzi dantzak horren adierazle baita ere? Zenbat eta altuago jauzi egin orduan eta kolpe handiagoa ematen diogu lurrari erortzean eta zenbat eta dantzari gehiago batera egin, orduan eta emaitza hobea. Lurra bere negu ilun eta hotzeko lozorrotik esnatu beharko du, nahitaez gizakiok zarataka edo kolpeka horretara behartzen baitugu. Dantzarien artean bereziki gailentzen dena dugu Zamaltzain, bera da, zaldi basatiak bezala, jauzi gehien eta gorenen egiten duena eta gainera modu dotorean. Zaila egingo zaie Kerestuei harrapatzea eta zikiratzea; zikiratzea bai, zaldiaren hankartean hor ibiliko dira jendearen irriak sortu nahian bere kabala zirikatzaileekin, halako batean, to! Zamaltzainaren koskabiloak saltoka jaurtitzen duten arte. Buhame eta Kauterak, arrapaladan, garaikur horren bila joango dira zalapartaka, builaka, anabasa sortuz. Hortik aurrera gure zaldia etxekotu egingo dugu, hezi, meneratu, Lantzeko Zaldikoa bezala; beraz, hor gauzatzen da Naturaren eta bere ordezkari den Zamalzainaren menpekotasuna. Zamaltzain eta zentauroak Zamaltzainen gorpuzkeran ere ohiko dualtasuna agertzen zaigu, azken batean Zentauro bat da, gerritik gora gizon, gerritik behera zaldi. Zentauro mitoa, Greziako panteoian gaiztoa edo ona izan zitekeen baina lehen izaera gailentzen da. Bikoiztasun hori alegia bat da gure griña izkutuenak eta gizateriaren portaera onbera adierazteko. Alde txarra, nola ez, gerritik behera dago eta piztiari dagokio eta beste aldea, ona, gizakiari. Bi teoria, gutxienez, nagusitu dira Zentauroen sorrera mitologikoa azaltzeko; alde batetik Robert Graves (Winbledon, Londres, 1985-07-24, Deya,1985-12-7) antropologo eta idazleak dio zaldia totemtzat hartzen zuen antzinako sekta pre-heleniko baten kondarra dela eta bestetik Egeo-minoiko munduan existitzen ez zen abere bati buruzko irudikapena, lehen inbasio barbaroak etortzean sortutakoa. Bigarren horretan helenoek izate bakar baten gisa ikusten zuten zaldia eta gainean, erasoan, zetorren zalduna; Amerikako aborigenek espainolak lehen aldiz ikusterakoan bezala. Mito gaiztoa, beraz, meneratzeko zailtasun nabariak zituena berekin: hezkaitza, arriskutsua, indartsua, taldeka mugitzen zena, hankapean txikitu ahal zaituena eta irrintziaren sortzailea. Baina alde txarrarekin batera totem izateko baldintza guztiak ere betetzen zituen: askatasunaren ikur, abiadurarena, indarrarena. Guzti horregatik miresten dugu gorrotatu beharrean. Maskaradan ere taldekako pertsonaien artean, nagusiena, nire gogoetarako, Kautera gizotsoena da, baina Zamaltzaini ez diote trataera hori ematen nahiz eta Naturan taldetan bizi. Lantzeko inauterian bezala, pertsonai bakarra da, bakardade horrek aukera emango baitio gizakiari meneratzeko. Kontrako gauza gertatzen da Momotxorroen antzezpenarekin, hauek taldeka agertzen baitira, erasokor, kontrolaezin, hiltzaile gupidagabe gisa. Ekain kobazuloko zaldiak. Laburtze aldera hona hemen Zamaltzainen ezaugarriak: Bakarka antzezten dute, nahiz eta abere gregarioa izan, errazago meneratzeko. Kerestuek zikiratzen eta menperatzen dute. Pertsonaia nagusia da, bai dantzarien zein antzezpenaren harian, Pitxu gizotsoarekin batera. Dantzari trebeena da, jauzi handienak eta borobilenak ematen dituena. Zentauro mitoaren osagaiak ditu: izaera bikoitza, gehienetan gaiztoa,kontrolaezina. Pitxu, gizotsoa: Kautera taldearen otso gazteena dugu, eroa, noraezean dabilena, Kabana nagusiak bere predikuak zabaltzen dituen bitartean. Halako batean, Nagusiak botatako sos batzuen xerka, Buhameek eta Kauterek Pitxu jostalaria azpian hartu eta hil egingo dute, baina Bedeziak, txamanak, hor daude Pitxuren berpiztea gauzatzeko. Pitxuren berpiztea Udaberriaren etorrera irudikatzen omen du. Laburpen horri azalpen batzuk zor dizkiot. Jarraitzen badut Inauteriak naturaren berpiztearen eta menperatzearen argudioari tiraka, hor daukagu Kauterak taldea Beltzen, arrotzen, anabasaren adierazle. Kauterek, bere janzkerari erreparatzen badiogu, normalean isatsa daramate eta buru gainean pare bat luma, belarriaren antzekoak. Beltzez goitik behera, zarpailak, taldeka mugitzen dira baina oso modu anarkikoan, eskerrak Kabana handiak bere zartailuarekin saiatzen den ordena apur bat jartzen bere otso samaldan. Erdi gizaki erdi pizti direnen euskal mitologian eta inauterietan hor dugu aztertzen ari garen azkena: gizotsoa, Kauteren taldean irudikatua. Minotauro-Momotxorro, Zentauro-Zamalzain-Zaldiko eta Hartza-Hartzanorarekin batera, osatuko du inauterien totem nagusienak, beldurgarrienak, hiltzaileenak, gurtuenak. Gizotsoaren mitoari buruz zertzelada batzuk: Olivier de Marliaveren arabera (Pequeño diccionario de mitologia vasca y pirenaica. Argitaletxea, Alejandria, Barcelona 1995.) Euskal Herrian sinisten zuten, goizaldean gizotsoek bere larrua uzten zutela gizaki bihurtzeko, baina deskuiduan norbaitek topatu eta janzten bazuen, gizotso bihurtzen zen. Antzeko azalpen bat ematen da euskaldunon jatorri mitikoari buruz, esaten dugunean, hartzak bere larrua kendu ondoren sortutakoak garela. Horra hor larruaren garrantzia mitologian, inauterietan, sortzaile, babes emaile gisa. Larrurik gabe, gure babes nagusirik gabe, ez gara ezer, hiltzera kondenatuta gaude. Hartzaren larrua erabiltzen zuten ehizara edo borrokara joateko hainbat tribu norvegiarrek. Askotan gure abere totemikoen larrua erabiltzen zen beraien indarra eta trebezia bereganatuko zutelakoan. Kabanaren taldea, Kauterak, Zuberoako basoetatik atera eta maskaradan sartzen da dena hankaz gora jartzeko, kaosa sortzeko, arauak hausteko, iseka egiteko, Buhameak jipoitzeko, jendea zirikatzeko, zikintzeko, bere burua mozkortzeko, dantzarien dantzari iseka egiteko, bere dantza propio, barregarria eskainiz; dena den, beti lortzen dute jendearen arreta eta konplizitatea, zergatik ote? Kauterek, gizotsoek, sortutako anabasa, kaos horrek eramango ditu, halako batean Pitxu hiltzera, nahi gabe, ezustean. Pitxu hil ondoren, dena da intziri, aiene, negar; orduan Bedeziak sartzen dira plaza erdian zalapartaka, nola ez, bazter guztiak hankaz gora jarriz eta Pitxuren gorpurairisten dira, ebaketa egin eta tripak ateratzeko. Erraiak jendeari jaurti eta berriro ere kaosa sortzen da, batzuk garrasika, ihesean, ezkutatu nahian. Inork ez ditu nahi Pitxuren gorpuzkinak bere soinean dastatu, ez zikindu, ez usaindu, baina, halako batean inork espero ez duenean hara non, magiaren edo auskalo zer indar ezkutuen bidez, Pitxu berpiztu egin da, jende guztiaren zoramenerako. Zer gertatu da? Bedeziak aztiak, txamanak ote dira ala ezkutuko indar basati batek berpiztu ote du? Gizaki-bedezia joan ote da natura berpiztera, negua amaitu eta udaberria sortzera? Beste eredu bat da, beste proposamen estetiko bat adierazteko gure eskuetan dagoela botere hori eta, gainera, erabiliko dugula nahi dugunean, aroak edo piztiak meneratzeko. Indar menperagaitz hori, natura lotan geratu denean, ia hilzorian dagoenean, negu gorrian, alegia, hor dator gizakia, Bedezia, txamana, aztia eta bere aparteko boterea erabiliz, Amalur, Pitxu esnatzea lortzen du. Ez al da antzezpen guzti hau geure buruari, geure mugarik gabeko ustezko ahalmen ustelari tokiz kanpoko gorazarre egitea? Zamalzaina harrapatzea, zikiratzea eta berriro askatzea; gizotsoak, Kauterak, basotik jaitsi eta antzezpenaren erdian sartu kaosa sortzeko, Pitxuren heriotza sortzeraino eta gizakiak Bedezien laguntzaz berpiztea. Dantzariak hor dira afanean zein baino zein jauzi handiagoak egiten, norgehiagoka, Amalurren erakarpen indarretik ihesi, askatu nahian; horiek dira elementu nagusiak Zuberoako maskaradan, ene aburuz. V. ETA BORROKAK DIRAU Noizbait, guk sortutako mitoak hilezkortasunez jantzi genituen mendez mende iraun zezaten, gure unibertsoari eta bizitzari egonkortasuna eta segurtasuna emateko asmoz; baina berehala konturatu ginen guk betikotasuna maila teorikoan emateko gai izan baginen, borrokatu beharra genuela ahalmen bera geure buruari esleitzeko. Zergatik ezin gaitezke gu ere hilezkorrak izan, natura manipulatuz, bortxatuz? Hori litzateke finean hemen argudiatzen saiatu naizen katearen helburu nagusiena, azkena; gu geu jainko bihurtu eta gure ahalmenarekin heriotzaren hesia gainditu betiko bizitzeko, Amalur betiko menperatzeko, berak ezarritako mugak betirako gainditzeko. Zer dio mitologiak hilezkortasunaz? Gizakia da bizidun bakarra jakin badakiena hiltzera kondenatuta dagoela, horregatik, hain zuzen, sortzen da ziklikoki heriotzetik ihes egiteko nahia. Hasiera batean ia pentsaezina bazen heriotza fisikoa saihestea, eta horregatik balizko mundu baten betirako bizitzeko promes egiten digute hainbat erlijiok. Dena den beste bizitza horrek ez du ase gure grina eta sortu behar izan ditugu betikotasunean iraungo zuten mitoak. Utnapisthin, Sumeriako heroi mitologikoa da zaharrenetarikoa, Uholde unibertsaletik, naturaren kaos batetik, bizirik atera zen bakarra, bere emaztearekin batera (dualtasuna). Dirudienez, jainkoei kasu egin zien itsasontzi erraldoia eraikiz (Noeren arkaren erreferentea) eta horregatik eskaini zioten betiko bizia. Ashaverus zen “Judu alderraiaren” benetako izena eta saria baino zigorra izan zuen opari Kristo iraintzeagatik Kalbarioko bidean. Hori dela eta madarikatu zuten Kristoren bigarren etorrera arte bizitzera kondenatuz. Euskaldunok badugu antzeko mito bat, Mateo Txisturena non apaiz ehiztariak meza utzi eta bere zakurrekin untxiaren, deabruaren atzetik joaten den; bekatu hori dela eta betirako bizitzera kondenatu zuten, harrapa ezina den ehizaren atzetik etengabeko korrikan. Objektu edo sinbolo boteredunak: Grial delakoa ere objektu edo sinbolo magikoa izan da hilezkortasunaren bidean eta urrutira joan gabe, hor izan ditugu Alemaniako naziak bigarren mundu gerran, bere atzetik. Ez da soilik kristautasunaren mitoa izan, beste erlijio, kulturetan ere ontzi sakratuaren mitoa zabaldu da. Zer botere ematen omen Grial santuak? gaztarora itzultzearena, aldaketa izpiritualarena, botere mugaezinarena eta hilezkortasunarena. “Deutsches Ahnenerbe” edo “ Antzinako herentzia alemaniarrari buruzko ikerkuntza eta irakaskuntza elkartea” edo sekta SS barruan antolatutako erakundea izan zen. Heinrich Himmlerren lidergopean, Westfaliako Wewelsburg gaztelua zuen gunetzat eta bertan jasotzen zituzten mundu guztian zehar bildutako objektu boteredunak. Horretaz gain, Holokaustoko presoekin egindako esperimentu basatiak babestu zituen, arraza arioaren jatorriaren indusketan. Naziek bultzatutako “Thule elkarteak” lurrazpiko arraza boteretsu estralurtar bat bilatzen saiatu zen, “vril” deituriko botere amaiezinaren bila. Boterearekin lotuta ere sinbologiak sekulako indarra izan zuen nazien artean, ikustea besterik ez dago beraien sinbolo nagusia, svastika, ongizatea edo zoriona irudikatzen duena. Hainbat kulturetan ezaguna da, hasi Tibeten eta bukatu, aldagai batzuekin, Euskal Herrian, gure lauburuarekin. Bizitzaren gurpila, zorionaren edo zoritxarraren sinboloa norabidearen arabera; txakra hindu edo txinatarren filosofia beretsukoa, eguzkiaren eta ilargiaren bidearen ikur baita dantza erritual konzentrikoena ere. Ameskeria bat izan daiteke baina inperio gehienak saiatu dira Grial delakoa aurkitzen betikotasuna eta mugarik gabeko boterea eskuratzeko. Eta zientziak zer dio? Gizakia etengabe mugitu izan da zientziaren mugetan, haratago joateko grinak bultzatuta. Espezien manipulazioa, ADNarena, klonazioa, organoen ekoizpen programatua eta hilezkortasunaren azterketa bera. Orain arte eztabaida hori mitoen edo fede itsuaren esparruan mugitzen bazen ere, dirudienez, Lur planetan bizidun hilezkor bat aurkitu dute 90eko hamarkadan, “Turritopsis nutricula” du izena eta marmoken familiakoa da. Nola gauzatzen da bere botere hori? Heldutasun sexualera iristean, endekapen prozedura lehengoratzeko mekanismoa martxan jartzen du hastapenetako egoerara bueltatuz. Zelula espezializatuek, espezializazioa galtzen doaz, eta berriro hasten da bizitzaren zikloa. Horra hor bere betikotasuna, edo kasu honetan zientzialariek deitzen dioten bezala, “transdiferentziazioa”. Zientzialariak saiatu diren arren hilezkortasun horren gakoa aurkitzen, oraindik orain ez dute lortu; naturak sekretua gordetzen jarraitu nahi du, baina noiz arte? Bizi-itxaropenak aurrera egiten duen bezala, hainbat zientzialarik erronka gisa hartu dute gai hau eta bide bat irekitzen doala dirudi. Ez dakigu noraino iritsi gaitezkeen, baina noizbait lortuko bagenu edo aukera hori eskura izango bagenu, etika sartu beharko litzateke jokoan. Zilegi al da gizakia jainko bihurtzea? zer abantaila ekarriko lizkioke horrelako aurkikuntza batek gizateriari? Nork izango luke dirua hilezkor bilakatzeko, betikoek? Azken galdera horrek entsegu, gogoeta honen hastapenetara eramaten gaitu, non esaten genuen naturak kataklismoak sortzen zituenean kaosera itzultzeko, legendek zioten beti talde txiki, aukeratu bati bizitza barkatzen zitzaiola berriro hasteko; baina nire galdera da, taldetxo hori egoera kaotikora behin eta berriro eramaten gaituena baldin bada, zertarako salbatu? Bukatze aldera: Kaosak bezala, bide bat urratu dugu entsegu edo gogoeta honetan hilezkortasun desiora iristeko. Bidean aztertu ditugu naturaren fenomeno anitzak, kataklismoen ikuspuntutik eta horrek gizakiarengan sortzen zuen beldurra gainditzeko mitoak sortu ziren. Mitoek garai ilun haietan gizakiaren neurrira egindako azalpen sasi-logikoak ziren, nahikoak beraientzat. Mitoak uztartuta, antzezpen bat antolatu genuen, garbiketa erritual batzuen itxuraz eta inauteri deitu genion, beste azepzio askoren artean. Hor antzezten dena, nire ustez, gizakiaren eta naturaren artean dagoen etengabeko borroka da, gizakiak berak sortutakoa, nola ez. Natura meneratu nahi dugu eta historian zehar urratsak ematen ari gara helburua erdiesteko, erlijioaren aldetik, zientziaren aldetik, baina naturak, aldiro-aldiro, egoskor erantzuten digu ohiko kataklismoekin. Azken erronka, batzuentzat, natura, heriotza menperatzearena izango da baina ene uste apalean, gizateria beste etapa batean sartu behar da eta energia unibertsalarekin bat egiten saiatu, bere tokia bilatzeko unibertsoan. Eboluzioa, baldin badago, ez da etorriko gehiago ekoizteagatik, edukitzeagatik, izatetik baizik; bestela Natura, Amalurra bera izango da gure epaile gupidagabea, beti gertatu ohi den bezala. Bidaia iniziatiko erritual garrantzitsuena, beraz, barnera begira egin behar duguna izango da, aurrena, eta behin geure burua hobeto ezagututa kanpora. Errespeta dezagun natura, behingoz, eta seguruenez berak errespetatuko gaitu, energia bakarra baita bizidun guztiak mugitzen gaituena. Donostia, Euskal Herria, 2015eko azaroaren 11an
OHARTXO BAT HASI AURRETIK Hemen kontatuko ditugun gertaerak eta deskribatuko ditugun pertsonaiak, haietariko askok sinestezinak badirudite ere, guztiz errealak dira. Estatu Batuetako hainbat polizia agentziek eta fiskaltzak prentsaurreko ezberdinetan ezagutzera emandako datuak erabili ditugu informazio iturri bezala, eta, hortaz, behar bezala frogaturiko gertaerak dira deskribatuko ditugunak, ustezko eta balizkoekin desbideratu gabe. Era berean, gai honen inguruan hainbat hedabideetan argitaratutako artikulu anitzetako batzuk ere izan ditugu iturri, hain zuzen ere, kazetariaren ikerketaren baliozko ekarpen pertsonalen bat zeukatenak, eta bereziki gertaerekin harremana izan zuten pertsonekin aurrez aurre elkarrizketatu zirenen erreportajeak. Zentzu honetan, gure esker ona aitortu behar diegu Shelley Murphyri, Boston Globe egunkarirako idatzitako erreportajeengatik, Holly Rameri, Associated Press agentziarako idatzitakoengatik, eta Seth Augesteini, forensicmag.com webgunean argitaratutakoengatik. Guztia egia bada ere, istorioaren ardatz eta akuilu den protagonistaren izena, Lisa, ez da protagonistaren benetako izena, honek bere pribatutasunarentzat errespetua eskatu baitu adierazpen publiko batean, bere egungo familia gertaera guzti hauetatik aldenduta mantendu nahi duelako. torio hau esplorazio baten istorioa da, bere benetako nortasuna ezagutzeko, bere jatorria eta bere lekua munduan ezagutzeko esplorazio batean ontziratzen den emakume baten istorioa, esplorazio horretarako mapa eta iparrorratz bezala bere zeluletako DNA baino besterik ez daukana; eta behin DNA molekulen bihurgunetan gora eginda, bide luze eta neketsuaren helmugan, argi distiratsu eta garden bat aurkitu ordez –edo honekin batera-, Ilunpeen Bihotzarekin topo egiten duena. Lisa adoptatutako neskatila bat izan zen, bere heldu aroan bere jatorriaren bila ikerketa batean murgiltzen dena, beste adoptatutako hainbat pertsona bezala. Lisaren istorioa, eta berarekin lotuta agertuko diren pertsonaienak, bi mende ezberdinen hamarkada luzeetan zehar zabaltzen dira eta aurrerako eta atzerako jauzi ugari egingo dituzte, hots, une anitzetan koka dezakegu Lisaren istoriaren hasiera, abiapuntua. Lisaren jaiotzan koka genezake abiapuntua, edo bere adopzioaren unean, edo bere jatorriaren bilaketa abian jartzen duenean, edo ikerketaren emaitzekin… Narrazio batek denboraren beharra du, narrazio batek hasiera eta amaiera bat behar ditu. Non hasten da, hortaz, Lisaren istorioaren denbora? Aukeratu beharra daukagu. Denbora subjektiboa da, pertzepzioarekin lotuta dago. Denbora, norberaren denbora da, jaiotzatik hasi eta heriotzara arte doana. Zehatzago izanez, norberaren pertzepzio eta oroimenaren denbora da denbora. Jaio eta berehalako oroitzapenik ez dauka inork, eta hil aurretik ere, sarritan, oroitzapenez hustu egiten da burmuina. Bizitzaren lehen urteetako epe ilun horren inguruko informazioa lekukoen testigantzaz bete ohi dugu. Denbora, bakoitzaren denbora, lekukoekin hasten da, norberaren existentziaren inguruko testigantzek ematen diote hasiera bakoitzaren denborari, erditu zintuen amarenak, hari lagundu zion medikuak, emaginak, hasierako hilabete eta urteetan zaindu zintuzten senideek, neba-arreba nagusiek, bizilagunek, irakasleek. Bada, Lisaren kasuan ere berdin jokatu behar dugu eta haren istorioa haren gaineko lekukotza fidagarriekin hasi beharko dugu: 1986ko udan, orduan hasten delako Lisaren polizi espedientea, Lisaren abandonatzeari buruzko salaketarekin. 1986ko ekainean Lisa abandonatua izan zen Kaliforniako Scotts Valley herrian. Bost urte inguru izan behar zituen orduan Lisak eta bere aurreko bizitzaz, inolako lekukotzarik ez izanik, oroitzapen eskas eta lanbrotsuak gelditu zitzaizkion. Has gaitezen beraz Lisaren abandonatzeari buruzko salaketarekin, hain zuzen ere, salaketa poliziaren aurrean jarri zuen familiarekin, Decker familiarekin. I.- KATHERINE Familia honen amak, Katherine Deckerrek, telefono dei bat jaso zuen 2017ko urtarrilean. Peter Headley zen, Kaliforniako San Bernardino konderriko sheriffaren bulegoko sarjentu bat, haurrei eragindako krimenak ikertzen zituena. Hogeita hamar urte lehenago, 1986an, Kaliforniako Scotts Valley herriko karabana kanpaleku batean ezagutu zuen neskatila batez gogoratzen ote zen galdetu zion Headleyk Katherineri. Lisa zuen izena. Laurogeita bost urte izanik bere oroimena ez zela nahiko zuen bezain hobea erantzun zion Katherinek, baina Lisaz urte guzti haietako egun guztietan oroitu zela, ez soilik oroitu, kezkatu ere, non egongo ote zen, nolako izango ote zen bere bizitza. -Haren bizitza salbatu zenuen –esan zion Headleyk. San Frantziskoko badiaren hegoaldetik berrogeita hamar kilometrora dago Scotts Valley, Santa Cruz konderrian, hondartzetatik hamar kilometro eskasetara eta mendirako bidean. Urte osoan zehar bidaiarien igarobidea bada ere, uda sasoian bisitariez gora egoten den herria da Scotts Valley. Decker jaunak, ingeniari bezala lan egiten zuen Kaliforniako Estatuarentzat, eta 1986ko udan Santa Cruz konderrira destinatu zuten. Ohituak zeuden Deckertarrak horrelako behin-behineko lekualdatzeetara eta, autokarabana hartuta, Scotts Valley herriko Holiday Host kanpalekuan aparkatu zuten udaldirako. Uda igarotzeko leku aproposa izanik, Deckertarrek euren biloba txikia eraman zuten beraiekin egun batzuk pasatzera eta Decker jauna lanean ari zen bitartean, Katherinek, haren emazteak, mutikoarekin kanpalekuan jolasean ematen zuen eguna. Egun horietako batean, amona-biloba kanpalekuko alorrean jolasean ari zirela, neskatilatxo bat urreratu zitzaien. Lisa zuen izena, bost urte inguru izan behar zituen, Deckertarren bilobak bezala, oinutsik zihoan, arropa zirtzil eta bere adinerako txikiak zeramatzan aldean. Ume txikiaren jostailuek erakarri zuten, Lisak ez baitzeukan jostailurik. Katherinek laster jakingo zuenez, Lisaren aitak mantentze lanak egiten zituen Holiday Host kanpalekuan eta, bera aita lanean zebilen bitartean, Lisa bakarrik egon ohi zen, biak bakarrik bizi baitziren. Lisaren ama, hura txikia zenean hil omen zen. Halaxe kontatu zion Gordon Jensonek -halaxe aurkeztu baitzuen bere burua Lisaren aitak- Katherine Deckerri, hura ere Deckerren karabanako ohiko bisitari batean bihurtu zen eta. Negarrez, zotinka kontatzen zion Jensonek zein gogorra zen, Lisaren ama hil zenetik eta beraiek biak bakarrik gelditu zirenetik, lan egitea eta Lisa zaintzea. Zintz eta guzti egiten zuela kontatuko zuen Katherinek, Jensonen negarra eta malkoak zeinen zintzoak ziruditen adierazteko. Pick-up baten atzealdean lo egiten zuten Jenson aita-alabek, oihal batez erdizka soilik estalita zegoen kanpai denda baten egituraren aterpe eskasaren azpian. Lisa neskatila irekia eta alaia zen. Egunero joaten zitzaien Deckertarrei bisitan eta Katherinekin ematen zuen eguna. Katherinen altzoan esertzen zen eta, haren bilobak egiten zuenari jarraika edo, “amona” deitzen hasi zitzaion ere. Halabeharrez –izotzezkoa ez den edonor hunkitzekoa baitzen egoera-, Lisaren etorkizunaz kezkatzen hasi zen Katherine. Zer gertatuko zitzaion Lisari negua iristerakoan? Non egingo zuen lo? Hotzez hil beharra zuen pick-up hartan! Zer jango zuen? Udazken hartan haur eskolara joaten hasi beharko zuen. Jenson hura ez zirudien haur bat bakarrik hazi eta hezteko kapaza. Ikuspegi larria. Zerbait egin behar zuten Lisa laguntzeko. Kezka guzti hauek buruan bueltaka zebilzkiola, ideia bat otu zitzaion Katherineri eta senarrari azaldu zion: euren alaba batek ez zuen lortzen haurdun gelditzea, nahiz eta seme-alabak izateko irrikan egon. Ez litzateke guztientzat konponbide perfektua izango euren alaba eta suhiak Lisa adoptatuko balute? Lisak “amona” deitzen jarraitu ahal izango zion betirako. Jenson jaunari proposatu zioten eta honek pentsatu beharko zuela esan zien. Ez zuen gehiegirik hausnartu behar izan antza, handik bi egunera proposamen batekin itzuli baitzitzaien: proba bat egingo zuten. Hiru astez Lisa Deckerren alabarekin eta honen senarrarekin biziko zen. Hiru aste horietan haien arteko harremana ona bazen, adopzioa legeztatuko zuten. Katherine pozez gainezka jarri zen. Biharamunean “guraso” berrien etxerako bidea egingo zuten eta, horretarako prestatzeko, Lisari arropa eta zapata berriak erosi zizkion. Lisa txikiak gau hartan zapatak erantzi gabe lo egin zuen. Hiru asteko proba primeran joan zen. Lisa eta bere “guraso” berrien arteko harremana ezin hobea izan zen hasieratik. Beharrizan materialak ez ezik, afektiboak ere bazituela agerian geratzen zen, maitasun edo samurtasun keinu bakoitzari erantzuten zion eragatik. Baina hiru aste haietan, Lisak bestelako sekretuak ere eman zituen aditzera, ilunagoak eta lazgarriagoak. Bost urteko haur baten adierazgarritasun eskasarekin eta bere babesgabetasun eta xalotasunarekin, Jensonen gehiegikerien biktima zela aditzera eman zien Lisak bere “gurasoei”. Lisaren hitzek iradokitzen zutena egia bazen, munstro haren atzaparretatik askatu behar zuten Lisa gaixoa. Adopzioa legeztatu eta ondoren Jenson salatu beharko zuten. Asmo horrekin itzuli ziren Holiday Host kanpalekura, hitzartu bezala, hiru asteren buruan. Baina Holiday Hosten ez zegoen Gordon Jensonen arrastorik. Inori inolako azalpenik eman gabe alde egina zen. Poliziarengana jo zuten Deckertarrek gertatutakoa salatzeko. Jensonek idatzitako eta sinatutako paperak erakutsi zituzten: Gordon Jenson zela zioen bertan, Lisaren aita, eta bere borondatez Lisa Deckertarren babespean uzten zuela. Jakina, paper haiek ez ziren nahikoak ezta baliozkoak adopzio bat legeztatzeko. Lisa gizarte zerbitzuen zaintzapean geratu beharko zen eta adopziorako legezko prozeduran sartu. Halaxe gertatu zen handik lasterrera, arraza zuriko neskatila osasuntsu bat adoptatzeko prest ehunka, milaka familia baitzegoen orduko Kalifornian. Katherine eta gainerako Deckertarrek ez zuten sekula berriz Lisa ikusiko eta Lisak, bere aldetik, ez zuen Gordon Jenson inoiz berriz ikusiko ezta. Gure egungo ikuspegitik Deckertarren jokaera nolabait epaitzeko gogoa sor dakiguke. Euren onurarako soilik, zailtasun ekonomikoak zeuzkan familia baten lepotik probetxua ateratzen saiatu zirela Deckertarrak pentsa dezakegu, haurren babesarentzat pentsatuta zeuden adopzio legeak saihesten saiatu zirela. Legez kanpoko eta klasistatzat jo dezakegu Deckertarren jarrera gaur egun. Baina, aldi berean, biktima babesgabe bat sexu gehiegikeriak noziarazi zizkion gaizkile baten atzaparretatik askatzen ahalegindu ziren ere. Inor bidegabe epaitu baino lehen, eman dezagun hogeita hamar urteko jauzi bat, 2017ko hasierara arte. Orduan, Katherine Deckerrek telefono dei bat jaso zuen. San Bernardino konderriko sheriffaren bulegoko sarjentu bat zen, Peter Headley izenekoa. Hogeita hamar urte lehenago, Scotts Valleyko karabana kanpaleku batean abandonatu zuten neskatila batez oroitzen ote zen galdetu zion honek. Katherinek laurogeita bost urte zituela erantzun zion, bere oroimena ez zegoela bere sasoirik onenean eta gauzak gogoratzeko zailtasunak zeuzkala, baina urte guzti haietan, egunero, egun bakoitzean, Lisaz pentsatu ez soilik, kezkatu ere egin zela. Non egongo ote zen, nolako izango zen haren bizitza. -Bizitza salbatu zenion –gaineratu zuen Headleyk. Deckertarrek salatutakoak ikertzen hasteko, poliziak Lisa itaundu zuen: adituen galderei emandako erantzunengatik frogatutzat jo zuten Lisa bere aitak eragindako sexu gehiegikerien biktima izan zela. Ez hori bakarrik, neba-arreba gehiago bazituen galdetu zioten ere, eta Lisak baietz erantzun zien, izan zituela, baina hil egin zirela, “belar-zizak jan zituztelako kanpinean geundenean”. Hildako neba-arrebak! Zenbat? Non? Zer ote dira “belar-zizak”? Pozoi motaren bat? Haur txiki baten ameskeriak ote ziren hitz haiek? Adin horretako haur batek horrelakorik asma dezake? Gordon Jensonen aurka salaketa bat zabaldu zen, haur bat abandonatzeagatik eta hari sexu gehiegikeriak eragiteagatik. Baina Gordon Jenson aurkitu behar zuten aurretik eta uste baino zailagoa izan zen, mamu bat bezala desagertu baitzen. Estatu Batuetako polizia erregistroetan ez zegoen izen horrekin inolako daturik. Holiday Hosten ezagutu zutenak itaundu zituen poliziak eta zalantza eta susmo gehiago pizteko besterik ez zuen balio izan. 1986ko urtarrilean agertu zen Holiday Hosten Gordon Jenson bere alaba Lisarekin. Nondik zetorren, nongoa zen, nola iritsi zen hartaraino, inork ez zekien, soilik argiketari lanak egiten trebea zela eta hizkuntzak ere bazekizkiela, frantsesa eta japoniera ere. Horrela izanik, mantentze lanetarako kontratatu zuten. Emaztea hil egin zitzaiola kontatu zion mundu guztiari, baina horrekin hasten ziren zalantzak, bakoitzari bertsio ezberdin bat eman ziolako: erditzerakoan hil zela bati, auto istripu batean izan zela beste bati; minbiziagatik, edo tiroketa baten erdian harrapatuta gertatu zela ezbeharra kontatzera ere iritsi zen. Zein zen egia? Nor zen Gordon Jenson hura? Haren hatz aztarnak bilatzeari ekin zioten, identifikatu ahal izateko, eta lan zaila izan zen, Holiday Host osoan ez baitzen inondik haren aztarnarik agertzen. Bat bakarra aurkitu zuten azkenean, Jensonek instalatu zuen bozgorailu batean. Aztarna hura poliziaren datu basean sartu eta izen ezberdin batekin bat egin zuen: aztarna hura Curtis Mayo Kimball izeneko tipo batena bezala erregistratuta zegoen, urte bat lehenago, 1985eko maiatzean, atxilotua izan zena Cypress herrian, Kaliforniako hegoaldean, mozkortuta gidatzeagatik eta talka egin ostean ihes egiteagatik. Salaketak zioenagatik, atxiloketaren unean bere alaba txikiarekin zihoan autoan. Gordon edo Curtis, Jenson edo Kimball? Nor zen gizon hura? Kimballen izenean, izen horrekin fitxatuta baitzegoen, bilaketa agindu bat zabaldu zen, haur abandonatzeagatik eta haurren aurkako sexu gehiegikeriengatik. Are gehiago, aurreago ikerketek azaleratuko zuten Curtis Mayo Kimball bat bazegoela Texaseko La Porte herrian, baina hura ez zela 1985ean atxilotua eta 1986an Holiday Hostetik alde egin zuena. Geroz eta argiago zegoen tipo hark bere benetako identitatea, bere jatorria, ezkutatu nahian zebilela. Nor zen mamu hura? Bi urte geroago, 1988ko azaroan, Kaliforniako San Luis Obispo herrian errepide kontrol batean, Gerry Mockerman izeneko gizon bat atxilotuko zuten, Idahoko Preston hirian lapurtutako auto bat gidatzen zihoalako. Haren hatz aztarnak eta Kimballenak bat etorriko ziren. Eta hori gutxi ez balitz, autoaren jabeak lapurra Jerry Gorman bezala ezagutzen zuela adieraziko zuen. Lau ezizen ezberdin jada, lau identitate, faltsuak laurak? Santa Cruz konderrira bidali zuten epaitua izan zedin, haren aurka zegoen bilaketa aginduari erantzunez. Lisa abandonatzeagatik soilik epaitu zuten, sexu gehiegikerien salaketa alde batera utziz, Lisa txikiak berriz oroitzapen lazgarri haiek epaimahai baten aurrean kontatu behar ez izateko. Erruduntzat aitortu zuen bere burua, eta hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Hemeretzi hilabete geroago baldintzapeko askatasunean irten zen kartzelatik eta biharamunean desagertu egin zen. Orduan hasi zen Curtis Mayo Kiball izenarekin ezagutuko dugun gaizkilearen bizitzaren epe ezezagun luzeenetako bat. II.- ROXANE Gure istorioaren hurrengo kapitulurako hamabi urte jo beharko ditugu aurrera, 2002ko azarora arte, baina Kaliforniatik eta San Frantziskoko Badiaren eskualdetik aldendu gabe. Contra Costa konderria San Frantsiskoko Badiaren ekialdean dago. Bertako sheriffaren bulegoan, 2002ko azaroan, Eunsoon Jun izeneko emakume baten desagerpenari buruzko salaketa bat jarri zuten haren adiskideek. Hilabeteak zirela haren berririk ez zeukatela zioten salaketan eta susmo txarrak eragiten zizkiela. Aurretik denboraz hitzartutako bazkari batera agertu ez zela gehitzen zuten, Junek bere borondatez sekula egingo ez zukeen zerbait. Susmoak Eunsoonen senargaiaren inguruan zeuzkaten haren lagunek, Larry Vanner izeneko tipo ustez arraro eta ilun bat. Junek bere etxean arotz lan bat egiteko kontratatu omen zuen Vanner 2000. urtean eta horrela ezagutu zuten elkar. Handik gutxira Eunsoonekin bizitzera joan zen Vanner eta 2001eko abuztuan, etxeko lorategian antolatutako ospakizun batean, modu ez ofizialean ezkondu ziren. Roxane Gruenheid detektibeak hartu zuen salaketa ikertzeko ardura eta, desagertutako pertsonen saileko beste agente batzuekin, Eunsoon Junen etxea bisitatzera joan ziren, East Richmond Heights auzoan. Atea zabaldu zien gizonak Larry Vanner bezala aurkeztu zuen bere burua, eta Eunsoon Junen nobioa zehaztu zuen. Eunsoonen nondik norakoak jakin nahi zituztela galdetu ziotenean, etxean ez zegoela erantzun zien, arazo psikologikoak zeuzkala eta garai hartan Oregonen zegoela klinika batean, terapia jasotzen. Begi urdin distiratsuak zeuzkala eta itxura onekoa zela esango zuen Gruenheid detektibeak Vanner deskribatzerakoan. Poliziarekin kolaboratzeko prest azaldu zen hasieratik eta polizia-etxera lagundu zien bertan galdera batzuk erantzuteko. Komisariarainoko bidea normaltasun eta lasaitasun osoz solasean eman zuten. Polizia-etxean telefono bat eskaini zioten Eunsooni dei egin ziezaion, eta Vannerek buruz zekien zenbaki bat markatu eta dei egin zuen. Bai, Oregoneko terapeuta baten kontsulta zen. Zer ezkutatzerik ez zeukala frogatu nahi zien Vannerek poliziei eta hatz aztarnak hartzeko baimena eman zien ere. Vanneren hatz aztarnak datu basean sartu eta emaitzak itxaroten zituzten bitartean, Gruenheidek Vanner lagundu zuen urreneko denda batera, edari bat eta tabako pakete bat erosten. Roxanek bitxia zeritzon Vanneren azentuari, batzuetan ekialdeko kostaldekoa baitzirudien, beste batzuetan Texasekoa, beste batzuetan ordea koka ezina, eta horri buruz galdetu zion. -Azentu bitxia daukazu. Non hazi zinen? Eta une hartan, berehala, heziketa oneko gizon haren ahotsa eta espresioa aldatu egin ziren. Gruenheidi begietara begira, honen aurpegitik zentimetro batera, modu zabarrean bota zion: -Hori, zuri, bost axola zaizu. Berehala, berriz, bere aurreko jarrera lasai eta adeitsura itzuli zen. Gruenheiden ustez, segundo eskas haietan gertatutakoa Vanneren benetako izaeraren agerraldi bat izan zen. Hura zen Vannerren benetako aurpegia, benetako izaera, ez ezagutu ziren momentutik erakusten ahalegintzen ari zen gezurrezko bestea. Bitartean hatz aztarnen kontsultaren emaitzak iritsi ziren. Hatz aztarna haren jabea Curtis Mayo Kimball bezala fitxatua zegoen, 1986an neskatila bat abandonatzeagatik kartzelara kondenatua eta 1990an zaintzapeko askatasunetik ihes egiteagatik poliziak bilatzen zuena. Bilaketa agindua zela-eta berehala atxilotu zuten Vanner-Kimball, eta Eunsoon Junen etxea miatzera joan ziren Gruenheid eta bere taldea. Eunsoonen argazkiak hozkailuaren atean itsatsita zeuden, baina emakumezko arroparik ez zuten aurkitu etxe guztiko geletan. Etxeko lursaila inguratzen zuen hesiaren parean katu baten hilotza topatu zuten eta alorreko zati batzuk zuela gutxi jorratuak izan zirela antzeman zuten. Etxeko sotoan sartzeko kandadu bat apurtu behar izan zuten. Bertan Junek buztingintzarako erabiltzen zituen tresnak zeuden, labe bat eta tornu bat ere. Sotoaren atzealdean ate bat zegoen. Ur berogailuaren gelatxoa zen. Sabaian zintzilikatutako obra argi batzuekin argiztatua zegoen. Zoruan katu simaur pilo bat zegoen eta haren ondoan kable batzuk, aizkora txiki bat eta zerra elektriko bat. Simaur piloa oinarekin astindu zuten apur bat eta giza oin momifikatu bat azaldu zen, txankleta baten barruan. Simaur piloak ezkutatzen zuena hobeto aztertzerakoan Eunsoon Junen gorpua agertu zen, partzialki zatitua. Hilabeteak ziren hilda zeramala. Buruan kolpe gogor bat hartuta hil egin zela ebatziko zuten forentseek. Kimballek hilketa akusazio bati aurre egin beharko zion. Hain hotza izan zen krimen hura, hain “garbia”, hain “profesionala”, Gruenheidek ezin zuela sinetsi Kimballen lehenbizikoa zenik. Polizia-etxean, Kimball atxilotua zegoen gelaren atetik hurbil eta hark entzuteko moduan, Gruenheidek zera oihukatu zion lankide bati: “Tipo hau benetan nor den aurkitu arte, eta bere iraganeko krimen guztiak argitara atera arte, ez dut etsiko!” Biharamunean Kimballek Junen hilketa aitortuko zuen. Aitorpena beste froga bat zen Gruenheiden susmoentzat: inork ez du hilketa bat aitortzen. Kimballek zerbait ezkutatzen zuen, Junen hilketa ikaragarri hura baino gogorrago eta beldurgarriago izan behar zuen zerbait, kartzelara joatea nahiago baitzuen zerbait ezezagun hori argitara irtetea baino. Hamabost urtetik bizitza osorainoko kartzela zigorra ezarri zioten Kimballi 2003ko ekainean, baina Gruenheidek, agindu bezala, ez zuen etsi eta bere hitza mantenduz ikerketarekin jarraitu zuen. Kimball, Lawrence William Vanner izenarekin, 1990ean iritsi zela Richmond Heights herrira jakin zuen, hots, zaintzapeko askatasunetik ihes egin eta gutxira. Argiketari lanak egitetik bizi zen. Herriko denda batean lanak egiterakoan, dendak gela huts bat zeukala ikusita, jabeei baimena eskatu zien bertan bizi ahal izateko. Hura izan zen bere bizilekua hamar urtez. 2000. urtean Eunsoon Junen etxean lan bat egin ondoren harekin bizitzera joan zen, eta ondorengoak ondo zekizkien Gruenheidek. 1998an isun bat jarri zioten Lawrence William Vannerri gida baimenik gabe eta asegururik gabe gidatzeagatik. Hura zen Vanneren izenean poliziak zeukan erregistro bakarra. Denboran atzerago jo beharko zuen Gruenheidek, Kimballek ustez ezkutatzen zuena azaleratu nahi bazuen. Lisaren abandonatzeari buruzko espediente osoa eskatu zion Gruenheidek Santa Cruzeko poliziari eta orduak eman zituen hura goitik behera aztertzen. Bertan zeuden Lisa txikiaren eskutxo eta ointxoaren tinta aztarnak, eta baita sexu gehiegikeriak frogatzen zituzten haren adierazpen lazgarriak. Lisaren jaiotza agiririk, ordea, ez zen inondik agertzen, ezta honen amaren heriotza agiririk ere. Bertan zegoen, hori bai, Gordon Jensonen eskuizkribua, Lisaren aita zela eta bere borondatez Deckertarren eskuetan usten zuela adieraziz. Gruenheidek ez zuen ordurako Kimball-Jenson-Vanner haren ahotik edo eskutik zetorren ezer sinesten. Ziur zegoen tipo hura, dena delako izenarekin ere, ez zela inondik inora neskatilaren aita. Espedientean Lisari odol lagin bat atera ziotela agertzen zen eta Kimballi ere gauza bera egingo ziotela, edo asmo hori zeukatela bederen, baina Kimballen odol laginik ez zegoen. Aitatasun froga ez zen sekula egin. Kimball kartzelan zegoela Gruenheidek DNA froga bat egitea agindu zuen Lisaren aitatasuna frogatzeko. Horrela, 2003ko abuztuan, Lisa abandonatu zutenetik 16 urtera, DNAk frogatu zuen Kimball ez zela Lisaren aita. Gruenheidek berri hauek jakinarazi zizkion Santa Cruz konderriko poliziari, Lisa abandonatu zuten tokikoa, eta San Bernandino konderriko poliziari ere, Lisa orduan bertan bizi baitzen. Lisaren kasua berriz ireki zen, baina oraingoan ez abandonatze kasu bat bezala, bahiketa kasu bat bezala baizik. Kimball kartzelan itaundu zuten, jakina, baina honek ez zuen inolako informaziorik eman Lisa non eta norengandik bahitu zuen argitzeko. Are gehiago, Lisaz ez zela oroitzen esatera heldu zen. Eta haren borondatez edo bat-bateko oroitzapenez ez zen inolako argibide berririk lortuko, 2010ean kartzelan hil baitzen. Nor zen benetan Kimball? Zergatik ahalegindu zen hainbeste bere benetako identitatea izen faltsuen zerrenda luze baten atzean ezkutatzen? Zer ezkutatzen zuen, Eunsoon Junen hilketaz eta Lisaren bahiketa eta hari eragindako gehiegikeriez gain, behin kartzelan egonik ere amore ez emateko? Non eta noiz gurutzatu ziren Lisa eta Kimball? Non eta norengandik bahitu zuen? Non zeuden Lisaren guraso biologikoak? Bizirik al zeuden? San Bernardino eta Santa Cruzeko poliziek kasuaren ikerketari ekin zioten berriz haur baten bahiketa bezala, baina nondik abiatu behar? Non bahitu zuen Kimballek Lisa? Noiz? Ez zegoen abiapunturik, ez datarik ezta lekurik ere. Ez zegoen aztarnarik, zantzurik. Hurrengo urtean NCMEC (Desagertutako eta Esplotatutako Haurrentzako Nazio Zentroa) agentzia ikerketara gehitu zen. Agentzia honek Estatu Batuetan zehar desagertutako haur guztien gaineko salaketak biltzen ditu eta ikertzen, baina, nahiz eta euren datu basea sakonki miatu bazuten ere, ez zuten Lisaren datuekin, haren adin eta deskribapenarekin bat zetorren desagerpen salaketarik aurkitu. Polizia talde guztion ikerketek ez zuen urte luzetan inolako aurrerapen esanguratsurik lortu. Lisa jaio eta Holiday Host kanpalekuan agertu zen arteko bost urteetan, Kimball-Jenson-Mockerman-Vanner hura Estatu Batuetako lurralde guztian zehar ibili zelako zantzuak bildu zituzten, baita Kanadan ere, hortaz, edonon bahitu ahal izan zuen neskatila txikia, eta jakina, orduan bertan jarriko zion Lisa izentzat, bere gurasoek jarritakoa ezkutatuz eta ahantzaraziz. Baina zantzu erabakigarririk ez zen agertzen, bere bidaietan jasotako trafiko isunen bat edo beste gehienez. Itzal hutsak ziren, irudi bete bat osatzeko nahikoak ez zirenak, mamu batek utziko lituzkeen itzalak. Kimball-Jenson-Mockerman-Vanner hura mamu bat zirudien, aztarna finkorik utzi gabe herrialdeko punta batetik bestera ibilitako mamu bat. Eta, esan bezala, 2010ean Kimball kartzelan hil zen. Ordura arte atera ez zizkioten aitormen eta argibideak ezingo zizkion inork aurrerantzean atera. Kimballen heriotzaren garaian, Peter Headley izeneko sarjentu baten eskuetan jarriko zuten Lisaren kasua San Bernardinoko sheriffaren bulegoko haurren aurkako delituen sailean. Headley eta bere saileko lankideak, urte luzetako eskarmentudunak guztiak, haurren aurka eragindako ankerkeria latzenen lekuko izanak ziren, zela indarkeria fisikoa, zirela pornografia edo sexu gehiegikeriak ere. Erraz edo ezer gutxirekin harritzen direnetarikoak ez baziren ere, Lisaren kasuaren atzean zerbait berezia, deigarria ezkutatzen zela susmatzen zuten. Headleyk buru belarri ekin zion ikerketari. Gertaeren kokalekuak berriz bisitatu zituen (Holiday Host kanpalekua, egun itxita dagoena, Eunsoon Junen etxea …), Kimball ezagutu zutenak berriz elkarrizketatu zituen, eta kasu haren inguruan ia mende laurdenean bildutako dokumentazio guztia behin eta berriz errepasatu zuen, aldez aurretik inork antzeman ez zuen aztarnaren baten bila. Holiday Hostera iritsi aurretik Kimball eta Lisa beste antzeko kanpalekuetan egonak zirela suposatuz, Kaliforniako eta inguruko estatuetako kanpalekuetako erregistroetan bilatu nahi izan zituen haien joan etorrien gaineko informazioa, baina urte asko ziren pasatutakoak eta garai haietako erregistro gehienak deuseztatuak izan ziren. Bost urte inguru zeramaten Headleyk eta bere taldeak ikerketan murgilduta eta garrantzizko aurkikuntzarik gabe, Headleyk eta Lisak berak erabakigarria izango zen ideia bat izan zutenean: litekeena zen Lisaren beraren zelulen nukleoan gordeta egotea Lisaren jatorria aurkitzeko eta haren iragana berreraikitzeko beharrezkoak ziren aztarna eta froga guztiak edo nahikoak. III.- BARBARA Headleyk dnaadoption.com webgunera jo zuen aholku eta laguntza bila. Genetikan eta genealogian adituak edo alor horien zaleak diren boluntario talde batek osatzen du webgune honen bidez ezagutzera ematen den erakundea, eta, bertako partaide guztiak boluntario direnez, erakundeak ez du inolako etekin ekonomikorik bilatzen. Erakundearen xedea, DNA analisiak egin nahi dituenari, edo jada egin dituenari baina aurrera nola jarraitu ez dakienari, gidaritza eta aholkularitza ematea da. Eman beharreko urratsei buruzko gomendioak eskaintzen dizkiete eta baita ikerketan lagundu ere, adoptatutako umeak izan eta euren guraso biologikoen bila dabiltzanei batez ere, baina baita donazio bidezko ernalkuntzatik jaiotakoei edo DNA frogak egin eta emaitza “bitxiak” jaso dituztenei ere, hitz batean, bere arbasoak bilatzeko zailtasunak edo hormak topatzen dituen edonori. DNA analisi batekin hastea da euren aholkua, eta merkatuan eskura daitezkeen analisi mota ezberdinen artean zeintzuk diren egokienak ere gomendatzen dute. Behin DNA analisiak eskuan izanik, hurrengo urratsen inguruko gidaritza eta laguntza eskaintzen dute, doan. Hor sartzen dira genealogian adituak, genealogia lan tradizionala eta, behar izanez gero, adopzioen kasuan erabiltzen diren teknika berritzaileak eskainiz. Lan luzea eta nekeza da, jaiotza, ezkontza eta heriotza erregistroetan arakatu behar baita, dei ugari egin behar baitira… baina emaitzak lortzen dituzte. Dena musu-truk. Barbara Rae-Venter izeneko genealogian aditu boluntario batekin topo egin zuen bertan Headleyk eta Lisaren kasua azaldu zion: Dnaadoptio.com webgunean erabiltzen zituzten teknikak, bahitutako eta bahitzaileak abandonatutako neskatila baten familia biologikoa bilatzeko baliagarriak izan zitezkeen? Rae-Venterek baietz erantzun zuen hasiera hasieratik, nahiz eta kasu honetan zailtasun bereziren bat gehiago izan, ikerketa abiatzeko kokagune geografikorik ez baitzegoen. Adopzioen kasuan, bederen, haurra non adoptatua izan zen bazekiten, bertako erregistro eta artxiboetan ikerketa abiarazteko. Gauza bera haur abandonatuen kasuan. Baina Lisaren kasuan… Estatu Batuetako edo Kanadako ia edozein lekutan jaioa izan zitekeen Lisa! Erronkaren zailtasun bereziak kitzikatuta edo, Rae-Venterek boluntario talde bat osatu zuen Monterreyko Genealogia Zentroan eta “Lisa Proiektua” (“The Lisa Proyect”) deitu zuen. Hasteko, DNA analisien inguruko ohiko gomendioak eman zizkioten Lisari. DNA analisien hiru mota ezberdin daude. Haietariko bat, “Y DNA” izenekoa, ez zen Lisaren kasuan erabilgarria, Lisak ez baitzeukan Y kromosomarik. Beste bat, “mitokondria DNA” miatzen duen analisia, printzipioz baliagarria zen Lisaren kasuan, emakumezkoen kasuan soilik erabiltzen baita, baina belaunaldi askoz urruneko arbaso partekatuak identifikatzeko balio du, hots, jatorri etnikoa argitzeko, eta ez zen hau Lisaren arazoa, Lisa bere gurasoen edo bizirauten zuten bestelako ahaideen bila baitzebilen. Dnaadoption.com webgunean hirugarren mota bateko analisiak gomendatzen dituzte beti, “DNA Autosomal” izenekoak, bai gizonentzat eta baita emakumeentzat ere baliozkoak direnak eta besteak baino informazio askoz zabalagoa ematen dutenak. Konpainia askok eskaintzen dute mota honetako analisiak, baina dnaadoptionen lau konpainienak soilik gomendatzen dituzte (Myheritage, Family Finder, 23andMe eta Ancestry), gainerakoak ez baitira, haien iritzi adituan, behar bezain osatu eta fidagarriak, sarritan garestiagoak badira ere. Dnaadoptionen ohiko gomendioa, eta Barbara Rae-Venterek Lisari eman ziona, ordaindu ahal izanez gero, lau konpainietan analisiak egitea izan zen. Konpainia bakoitzak beregana jo dutenen informazio genetikoa dauka, eta bakoitzak bere datu basea erabiltzen du erabiltzaile berriekin antzekotasun genetikoa izan dezaketen pertsonak bilatzeko. Horrela, lau konpainietan analisiak eginez gero, lauon datu baseetako informazioa izango zuen Lisak eta, hortaz, ahaidetasun genetikoren bat aurkitzeko aukerak lau bider handiagoak izango ziren. Gainera, antzekotasun genetikoa daukan norbait aurkitzeko aukerak gehiago biderkatzeko, analisien emaitzak Gedmatch.com webgunera igotzea zen gomendatzen zuten hurrengo urratsa. Web horretan borondatez igotako milaka eta milaka DNA analisiak biltzen baitira, eta antzekotasuna daukan baten bat aurkitzeko aukera handiagoa ematen du konpainia bakar baten datu baseak baino. Lisak, aholkuari jarraiki, lau konpainia horietako analisiak egiteko kitak erosi zituen internet bidez, bere listua bota zuen haietako bakoitzean, postaz itzuli zien eta emaitzen zain gelditu zen. Handik lasterrera, eta guztien harridurarako, emaitza garrantzitsu bat jaso zuen: Ancestry konpainiaren datu basean Lisarekin antzekotasun genetiko izugarria zeukan norbait aurkitu zuten, Lisaren bigarren edo hirugarren mailako lehengusu bat izan zitekeena. 81 urteko agure bat zen, Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean bizi zena. Baina aurkikuntza hura aurrerapen itzela suposatzen bazuen ere, bien arteko lotura zehazteko, biek partekatzen zuten arbasoa identifikatzeko, hirugarren hanka bat behar zuen ikerketak. Bada, zorionez, beharrezko hirugarren hanka hori ere laster agertu zen: 23andMeko datu basean, bere antzekotasun genetikoagatik Lisaren beste lehengusu hurbil bat izan behar zuena topatu zuten, San Frantziskon, mendebaldeko kostaldean, bizi zena kasu honetan, Adam Keim zuen izena eta 43 urte zeuzkan. DNAadoptionetik harekin harremanetan jartzen saiatu ziren bere genoma parteka zezala eskatzeko, baina Adamek ez zien jaramon handirik egin. Hori ikusita Barbarak email luzeago bat idatzi zion Adami, Lisaren kasuaren berezitasunak azalduz: Lisa, bere bigarren edo hirugarren mailako lehengusina izan zitekeena, haurtxo bat zenean bahitua izan zen eta bere bahitzaileak, atxilotua eta kartzelaratua izan bazen ere, ez zuen Lisaren jatorriari buruz inolako argibiderik eman kartzelan hil aurretik. Bera, Barbara Rae-Venter, San Bernardinoko poliziarekin elkarlanean ari zela azaldu zion, Lisari bere jatorria aurkitzen laguntzeko, eta berak, Adamek, ez al zion bere lehengusinari lagunduko ala? Sinesgaitz baina zintzotasunez erantzun zion Adamek: istorio guzti hura telebistako saioetan ageri ohi diren horietako bat ematen zuen, ez zirudien bera bezalako pertsona arruntei gertatzen zaien zerbait, eta horregatik susmoa zuen hasiera batean ez ote zioten dirua eskatuko, istorio guzti hura ez ote zen izango iruzur baten estaldura. Hala ere, pozik lagunduko ziela erantzun zien, baina ez zeukala zer eskaini, bera ere bere jatorriaren bila baitzebilen, adoptatua baitzen. 23AndMeko analisiak ere, esperantza gutxirekin egin zituen, soilik bere mutil-lagunak kita Eguberritan oparitu ziolako. Analisiaren emaitzetatik, berarekin antzekotasun genetikoa zeukaten hainbat lagun topatu zituen, baina laster ohartu zen antzekotasun horren iturria zehaztea zaila izango zela, bere jatorriari buruz ezer gutxi baitzekien, ez historiarik ez abizenik, eta horrek ikerketa oztopatzen zuen. Rae-Venterrek berehala erantzun zion, haren susmoak uxatze aldera eta haren laguntza lortzeko: “Gu geu adituak gara euren jatorriaren bila dabiltzan adoptatutako pertsonei laguntzen, eskarmentu handia dugu eta emaitza arrakastatsuak lortu ditugu. Hortaz, Lisaren kasuan laguntzen bagaituzu, zure familia biologikoa aurkitzen lagun zaitzakegu. Doan.” Adamek zeukan gutxia eman zien, bere jaiotza data, San Diegon jaioa zela eta bere adopzio amaren ezkongabeko abizena (eta adoptatua izan aurretik, babes-etxean Mike deitzen ziotela). Egun bakar baten buruan, Kaliforniako erregistroetako mikrofitxetan murgilduz, Diana Iwanski izeneko “Lisa Proiektuko” boluntario batek Adamen jatorrizko jaiotza agiria aurkitu zuen, haren ama biologikoaren, haren anaia biologiko batena (Robert) eta Adami jaiotzerakoan jarri zioten izena ere: Michael Richard Kravan. Adamen anaia autoz lau orduko bideko distantziara bizi zen eta laster jarri zen harekin harremanetan. Patti bere ama biologikoari ere aste gutxiren epean telefonoz deitu zion. Urduritasuna ezkutatzen ahaleginduz, inolako epaimenik ez zuela gordetzen azaldu zion, bizitza on bat izan zuela, zoriontsu zela eta zinez eskertzen ziola adopzioan eman izana. Ordutik ama eta anaiak maiz bildu dira eta Adamek, azkenik, bere historia, bere denbora osatzeko erantzunak lortzen ari da. Adamentzat berri onak izan zirenak, Lisarentzat ere izan ziren, hirurak, Lisak, Adamek eta ekialdeko kostaldeko agureak elkarrekin lotura genetikoa zeukatela eta arbaso bat partekatzen zutela frogatu baitzuten DNA analisiek. Zehazki, hiru oinordeko identifikatuta izanik, arbaso komun hori identifikatu ahal izan zen: agurearen amona zen. Enborra finkatuta izanik, Lisaraino eraman behar zuten abarrak jarraitzea erraza izan beharko zuela suposa zitekeen, baina norainokoa zen oraindik geratzen zitzaien lana inork gutxik susma zezakeen. Emakume bakar harengandik jaiotzen zen zuhaitz genealogikoa berreraikitzea besterik ez zen egin behar zutena, eta horretan zehazki ziren aditu DNAadoptionen. Jaiotza, heriotza eta ezkontza erregistroetan murgiltzen dira, eskelak eta bestelako prentsa oharrak bilatzen eta behatzen dituzte. Zuhaitzaren abarrak osatzen lagun dezakeen edonolako informazioa bilatzen adituak dira. Baina enbor komun hark, andre hark, hamazortzi seme-alaba izan zituen eta sinestezina dirudi pertsona baten ondorengoen kopurua zenbat biderkatu daitekeen lauzpabost belaunalditan, are gehiago pertsona horrek hemezortzi seme-alaba izan dituenean. Hamazortzi abarrez hasten den zuhaitz baten abaraska esponentzialki ugaltzen da belaunaldi bakoitzean. Kasu honetan, bere abarretako bat Lisarengan bukatu behar zuen zuhaitz honek 19.000 izen biltzera iritsi zen. Ez hori bakarrik, erregistro eta hedabideetan aurkitutako informazioa DNA analisiekin osatu beharra zegoen, ondorengotza biologikoa berreste aldera, hortaz, lan erraldoia zeukan Lisa Proiektuak. Horretarako, Peter Headleyk, genealogia ikerketaren bitartez aurkitutako Lisaren ustezko senideei dei egiten zien telefonoz, eta Lisaren istorioa kontatzen zien euren kolaborazioa eskatzeko, hots, DNA analisiak egiteko eskatuz. Jende gehienak susmo txarrez jasotzen zuen deia eta iruzurgiletzat jotzen zuten Headley, ikerketan aurrera egitea eragotziz. Euren informazio genetikoa eskatzen zien ezezagun batek telefonoz! Beste ezer baino pribatuagoa den zerbait eskatzen ari zen Headley, egia esan, eta ez zen harritzekoa hortaz jendearen erantzuna. Onespen gehiago lortze aldera Headleyk estrategiaz aldatu zuen: berak kontatzen zuena egia zela berresteko, San Bernardinoko sheriffaren bulegora dei zezatela eskatzen hasi zitzaien deia egiten zienei. Horrela geroz eta jende gehiago gehituz joan zen ikerketara borondatez, euren ustezko lehengusinari laguntzeko asmoarekin. Handik aurrera onespena ematen zutenek, gainera, euren senideei ere eskatzen zieten DNA analisiak egitea eta dirua eman zuten batzuek ere beste batzuen analisiak ordaintzeko. Luzea eta nekeza izan zen lana, hasiera batean aurreikusi bezala, eta ustekabeko oztopoak ere aurkitu zituzten bidean. Hala, bai amaren aldetik bai aitaren aldetik ere Lisarekin lotura genetikoa zeukaten pertsonak aurkitu zituzten, elkarren artean anai-arrebak ez zirenak. Honek ikerlariak harritu eta desorientatu zituen hasiera batean, baina oztopo hori gainditzeko gakoa ere aurkitu zuten: belaunaldi batzuk lehenago, bi anaia bi ahizpekin ezkondu ziren, antzekotasun genetiko bikoitz hura eraginez bikote bien ondorengoen artean. Bada, ehunka edo milaka abar haietako batean ez zuten aurrera egitea lortzen. 2008an zendutako Georgette Beaudin izeneko emakume baten eskela aurkitu zuten. Bertan, hildakoari bere alaba Denisek bizirauten ziola esaten zen, baina Denisen abar harekin aurrera segi nahi zutenean ez zuten haren arrastorik inondik aurkitzen. Denise bere amaren heriotzaren unean bizirik bazegoen eta haren heriotza agiririk ez bazegoen, non zegoen Denise Beaudin hura? Bi urteko lanaren ondoren, 2016ko abuztuan, Lisa Proiektua taldeak erantzun bat zeukan. Peter Headleyk Lisari deitu zion eta bere benetako izena jakin nahi ote zuen galdetu zion. Lisak ez zuen berehala erantzun, baina baiezkoa izan zen azkenean erantzuna, halabeharrez, hura baitzen bidaia luze eta korapilatsu guzti haren helmuga. -Dawn. Hori zen bere amak jarri zion izena, Dawn Beaudin zen Lisa bere jaiotza agirian. 1981. urtean jaio zen Lisa, New Hampshireko Manchester hirian, kanadar jatorriko familia batean ama ezkongabe gazte batengandik. Bost urte geroago abandonatua izango zen tokitik milaka kilometrora, Estatu Batuetako beste puntan. Izena aldatu behar zuen? Urtebetetze eguna? Headley Manchestereko poliziarekin jarri zen harremanetan, bertan jaiotako eta hogeita hamar urte lehenago bahitua izandako neskatila bat, andre heldu bat ordurako, aurkitu zutela esateko, eta hauek Lisaren senideei, Beaudindarrei jakinarazi zizkieten berriak. Lisaren aitona behar zuenak, aurretik DNA analisiak egiteari uko egin zionak, oraingoan onespena eman zuen. Lisa-Dawnen senide biologikoek orduan egin zituzten adierazpenengatik, 1981eko Esker Emate egunean ikusi zuten azkeneko aldiz Denise eta bere sei hilabeteko alabatxoa. Handik astebetera bere etxetik igaro ziren eta alde eginak zirela ohartu ziren. Ez zuten sekula desagertzearen inguruko salaketarik jarri, Denisek, inolako azalpenik eman gabe, bere borondatez alde egin zuela sinetsi baitzuten beti. Garai hartan Denise Robert Evans izeneko gizon batekin bizi zen, behin baino gehiagotan poliziarekin arazoak izan zituena, elektra indarra legez kanpo saretik desbideratzeagatik eta txeke baliogabeak igortzeagatik. Aurrekari horiek ezagututa, Evans eta Denise (Dawn txikia haiekin zeramatela) finantza arazoengandik ihesi desagertu zirela sinetsi izan zuten urte guzti haietan. Beaudindarrei eta Robert Evans hura ezagutu zutenei, Lisaren bahitzaile eta Eunsoon Junen hiltzaile izan zen Curtis Kimballen argazkiak erakutsi zizkien poliziak eta, espero zuten bezala, guztiek berretsi zuten hura zela Denisen bikotekidea desagerpenaren garaian, Robert Evans izenarekin ezagutu zutena. Elektrizitatea lapurtzeagatik eta funts gabeko txekeak igortzeagatik atxilotu zutenean ere argazkiak egin zizkion poliziak Evansi eta, jakina, bat zetozen Kimball-Vanneren argazkiekin. Poliziak darabilen hipotesia, Kimballek Denise hil egin zuela da, baina non eta noiz gertatu zen krimena, gorpua non ote dagoen, oraindik argitzeke dauden galderak dira. IV.- ASHLEY ETA CAROL Lisaren benetako izena eta jatorria jakin zirenean, 2016ko abuztuan, Peter Headleyk NCMEC agentziari ere jakinarazi zion, Lisaren kasuaren ikerketan 2004tik parte hartzen baitzuen. Ashley Rodriguez izeneko agente batek jaso zuen informazioa eta mapa batean kokatu zuen Manchester, Lisaren jaioterria. Berehala bere arduradunari deitu zion mapako puntu hura begira zezan. NCMECen milaka kasu ikertzen dituzte, zein baino zein ankerrago eta ikaragarriago, baina haietako gutxi batzuk beste milaka kasuen artean nabarmentzen dira euren krudelkeriagatik eta ikertzaileen buruan daude beti. Ashley eta Carol, biak mapari begira, bat etorri ziren: antzekotasun gehiegi eta hurbiltasun gehiegi zegoen Lisaren kasuaren eta NCMECek ikertzen zuen kasu ikaragarrienetako batekin. Geografia aldetik hurbil zeuden biak, Manchesteretik hamabost miliatara besterik ez baitzegoen bestea; Eunsoon Jun buruan kolpe bat hartuta hil zen eta bere gorpua zatitu eta kablez lotu egin zuen, kasu honetan bezala; biktimen sexu eta adinak ere antzekoak ziren, emakume heldu gazteak eta euren alaba txikiak. Hainbesterainoko antzekotasuna ezin zitekeen kasualitatea izan. Konprobatu beharko zuten. 1985eko azaroan, New Hampshireko Allenstown herrian (Manchesteretik hamabost miliatara dagoena), Bear Brooks natura parkearekin muga zeukan baso batean, ehiztari batek 55 galoiko altzairuzko upel bat topatu zuen, zeinetatik plastikozko zaku bat ateratzen zen. Poltsaren edukia miatzerakoan aurkikuntza lazgarri bat egin zuen: bi gorpu erdi ustel zeuden barruan, 20-30 urteko emakume batena bata, zatitua eta kablez lotua upelean ondo egokitze aldera, eta 9 urte inguruko neskatila batena bestea. Biktimak identifikatzen eta hilketaren egilea aurkitzen ahalegindu zen polizia urtetan. Desagertutako pertsonen gaineko salaketak ikertu zituzten, New Hampshire eta inguruko estatuetako ikastetxeetan bat-bateko eskola uzterik egon ote zen galdetu zuten, eta inguruko susmagarri guztiak itaundu zituzten. Baina alferrikakoak izan ziren ahalegin guztiak. Hasiera batean upela aurkitu zuteneko orubearen jabea itaundu zuten, Gallagher izeneko gizon bat, ez soilik poliziak, baita hedabide ezberdinetako kazetariek ere, eta honek ia edonork jaurti ahal izan zuela kupela aditzera eman zuen. Bere orubearen parean aparkaleku eta kanpaleku bat zegoen eta bertatik itxura txarreneko jendilajea igarotzen zela adierazi zuen Gallagherek. Berak ondo zekien, orubean bertan ber amak denda bat zeukalako eta jendilaje hura denda hartatik igarotzen baitzen. Hilketen egilea ia edonor izan zitekeen eta edozein lekutan egon zitekeen Allenstowndik oso urrun. Esan bezala urtetako ikerketek ez zuten fruiturik lortu, baina kasua ez zen itxi eta, hamabost urte geroago, 2000. urtean John Cody izeneko sarjentu bati esleitu zioten kasua. Honek upela aurkitu zen tokia miatu nahi izan zuen berriz ere, zantzu berriren bat aurkitzeko itxaropen urriarekin. Bada, hamabost urtez ikerketan parte hartu zuten guztien harridurarako, lehenengo upela aurkitu zen tokitik hamar jardatara beste upel berdin bat topatu zuen. Barruan, beste bi neskatilen hezurdurak. Bizpahiru urtekoa zen bata eta lauzpabost urteko bestea, hil zituztenean. Ikertzaileek bere garaian jakinarazi zuten lehenengo upelarekin, ehiztariak aurkitu baino egun batzuk lehenago, mutiko batzuk ibili zirela jolasean, upelari pinuen inguruan birak ematen. Upela zabaldu zenean eta plastikozko poltsa irten zenean, mutikoek alde egin zuten. Hortaz, hasiera batean upel biak batera jaurtiak izan zirela ondorioztatu zuten ikertzaileek, baina mutikoek bata bestearengandik urrundu zutenez, bigarren upelaren aurkikuntza hainbeste urtetan atzeratu zen. Lau biktimak garai berean hil zituztela jakinarazi zuen poliziak, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaiera eta laurogeikoaren hasiera inguruan, haietako bi buruan kolpe gogor batez, baina beste biak, gazteenak, ez zen ebatzi nola. DNA analisiak egin zizkieten laueieta emakume heldua neskatila nagusi eta txikienarekin lotura genetikoa zeukala ebatzi zen, nahiz eta ez zen zehaztu haien ama, ahizpa edo izeko bazen. Erdiko neskatilak ez zeukan inolako lotura genetikorik beste hirurekin. NCMECek nazio mailako bilaketa bat zabaldua zeukan ordutik lau biktimak identifikatze aldera, baina zirudienez inork ez zeuzkan faltan lau emakumezko haiek. Ikaragarria zen, familia oso bat, hiru pertsonakoa, hil egin zuten eta inork ez zuen salaketarik jarri. Hain ikaragarria zen Bear Brookseko hileten kasua, hain ankerra, NCMECeko beste milaka kasuen gainetik nabarmentzea lortzen zuela bertako agenteen oroimenean. Horregatik, Ashley Rodriguezek Denise Beaudinen desagerpenaren tokia mapan kokatu zuenean, berehala Bears Brookeko biktimak etorri zitzaizkion burura, eta gauza bera gertatu zitzaion Carol Schweitzer bere arduradunari. Antzekotasun gehiegi zeuden kasu bien artean kasualitate hutsaren ondorio izateko. Manchester hiriko eta New Hamshireko estatuko poliziei euren susmoak jakinarazi zizkieten, kasu bien arteko balizko lotura iker zezaten. Bada, poliziak itaunketak eginez jakin zuenagatik, Robert Evans Wambec Mills izeneko lantegian lan egin zuen 1977tik 1981era arte, eta bertan bere gainbegiralea Edward Gallagher izan zen, upelak aurkitu ziren orubeko jabea. Gallagheren amak lursailan zeukan dendan ere lanak egin zituen Evansek garai hartan. Evans-Kimballek zaborra jaurti omen zuen basoan beste batzuetan, eta hori gutxi ez balitz bezala, Evans bere argiketari lanetan erabili ohi zituen kableak, gorpuetako batzuk lotzeko erabili zirenak bezalakoak ziren. Froga erabakigarria falta zen: DNA. Kimball, Lisa eta biktimen DNA analisiak erkatzerakoan lortutako ondorioak, tamalez (edo ez), dagoeneko susma zitekeenak izan ziren: emakume heldua ez zen Denise Beaudin, biktimetako batek ere ez zeukan lotura genetikorik Beaudindarrekin, baina erdiko neskatila, beste hirurekin lotura genetikorik ez zeukana, Kimballen alaba zen. Kimballek Bear Brookseko lau biktimak hil zituela uste du poliziak, baita Denise Beaudin ere, Manchesteretik desagertu eta gutxira ziur aski, eta baita bere alabaren ama ere, honen nortasuna eta gorpua ezezagunak badira ere. Zazpi biktima guztira. Kimball hiltzaile anitz bat izan zen, estatu Batuetako historiako krudelenetariko bat. Hiru neskatila txiki hiltzeko kapaza izan zen munstro bat. Bere alaba ere hiltzeko kapaza izan zen basapizti bat. 1980an Evans atxilotu zutenean elektrizitatea lapurtzeagatik, Elizabeth izeneko emakume batekin bizi zela adierazi zion poliziari, baina emakume hura ez zen sekula identifikatua izan. Litekeena da hura izatea Bear Brookseko biktima heldua. Edo Kimballen alabaren ama desagertua. Era berean, Kimball Bear Brookseko hilketen egile izan zela argitaratu ondoren, poliziak jakinarazi berri du emakume baten lekukotza jaso duela, 1984an Kimballentzat lan egin zuela Lisa eta honen ahizpa txikia zaintzen, Kaliforniako Anaheim hirian. Beste adingabeko biktima bat? “Belar-zizak” jateagatik hildako ahizpa zen hura? Zenbat dira guztira Kimballen biktimak? Jakingo al dugu noizbait ziurtasun osoz? Nortzuk dira Bear Brookseko biktimak? Eta Kimball bera nor zen? Zeintzuk ziren bere benetako izena eta nortasuna? V.- AZKEN EGUNERATZEA Kimball Bear Brookseko hilketen egiletzat jo zuenean poliziak, eta hortaz Estatu Batuetako historian izan den hiltzaile anitz nagusietako baten aurrean geundela antzeman zenean, bere argazkiak berriz zabaldu ziren nazio osoko hedabideetan, haren benetako nortasunaren inguruan zantzuak bilatze aldera. Dozenaka zantzu jaso zituzten ikerketan bilduriko polizia agentzia ezberdinek, baina azkenean haietako batek Kimballen benetako jatorri eta iraganaren ateak zabaldu zituen: 2017ko abuztuan, New Hampshireko Fiskal Orokorraren bulegoak jakitera eman zuen Kimball-Evans-Jensonen semea izan behar zuena aurkitu zutela, halaxe frogatu baitzuen bien DNAren antzekotasunak, eta Curtis Kimball, berez, Terrance –Terry- Peder Rasmussen zela. Terry Rasmussen 1943ko abenduan jaio zen Coloradon. Estatu honetan eta Arizonan bizi izan zen bere familiarekin bere haurtzaro eta nerabezaroan. 1961ean, hamazazpi urte besterik ez zeukala, Estatu Batuetako itsas armadan erroldatu zen. Garai horretan argiketari bezala lan egin zuen Estatu Batuetako mendebaldeko hainbat basetan eta baita Okinawan ere. Haren iraganaren inguruko ikerketetan beti susmatu zen ejertzitoan egona izan behar zuela, bertan ikasi behar izan zituela bere lan trebetasuna eta beste hizkuntza eta kulturak, eta zehazki japoniarra. 1967an utzi zuen armada eta Hawaiira joan zen bizitzera. Bertan ezkondu bazen ere, 1969an Arizonara joan ziren emaztea eta biek. Arizonako Phoenixen eta Kaliforniako Redwood Cityn bizi izan ziren eta lau seme-alaba izan zituzten: alaba bikiak 1969an, seme bat 1970ean eta alaba gazteena 1972an. Bikotea 1972an banatu zen eta aldi batez elkarrekin itzuli baziren ere, 1973 eta 74 bitartean emazteak behin betiko utzi zuen eta seme-alabekin alde egin zuen. Rasmussenen familia honek, guztiak bizirauten baitira, autoritateei adierazi dietenagatik, 1974ko Eguberriaren inguruan ikusi zuten azkeneko aldiz Rasmussen. Texaseko Ingleside hirian bizi zela esan zien orduan, eta emakume batekin joan zitzaien bisitatzera, baina haren izenaz ez da inor oroitzen. Hiltzailea, munstroa, badaukagu. Haren benetako nortasuna, legezkoa, badaukagu. Hemendik aurrera errazagoa izan behar du bere iraganeko nondik norakoak jarraitzea eta zirkulua ixteko falta den informazioa lortzea, hots, haren biktima anonimoak identifikatzea. 2017ko urtarrilean, New Hampshireko poliziak eta fiskaltzak Kimball-Evansen lotura Bear Brookeko hilketekin jakitera eman zutenean, Lisaren adierazpen bat ere irakurri zuten: “Bihotzez eskertzen dut nire aitona eta lehengusuak azkenik ezagutu ahal izana. […] Hiru seme-alaba eder eta senar maitagarri bat dauzkat, eta gure bizitza zoriontsu eta seguru hau osorik eta babesturik jarrai dezala nahiko nuke istorio sinesgaitz hau kaleratu ondoren. […] Mesedez, zuen ardura guztia identifikatu gabeko biktimengana zuzen ezazue.” Hala bedi.
booktegi.eus Guaraguao eta beste kontakizunak JOAQUÍN GALLEGOS LARA Itzulpena: Esteban J. Agirre Lazkano Eskaintza Mama Yoya, Rodrigo eta Ekuadorko sendikooi. Cecilia Ansaldo, Willington Paredes, Carlos Calderon eta Ekuadorko lagunoi. Zuek irakatsita jalgi bainaiz Ekuadorko arimaren hitz-esamoldeetara. Eta batez ere zuei, Sandra, Uxue eta Iban, zuek gogoan hasi bainintzen egiteko honetan. AURKIBIDEA AURKIBIDEA ITZULTZAILEAREN OHARRA GUARAGUAO GIZONA BAI, ANDREA EZ AMA ZEN! KIZKURRA ERDI ZENEAN TABAKO-KOLPEA BASOMUTILAK URAK GORA EGITEAN… BASA ANDEREA BIKOTE BITXIA GERRA AHOTZARRA “ETXE BAT ERORI DA” KAKA-PATARRA SOLASALDIA GUAYAQUILEN ETXEKOANDREA GOLKO-HAIZEA ITZALA GURUTZATU ZENEKOA BETIGOSE KUMEAGATIK GIZONA ETA IBAIA HAU DA MENDI-ITSASOEN IPUINA, ESPAINIA GABEKO INDIARREN ISTORIO BAT USAIN GALKORRAK HARAT-HONAT, AZKENEKOZ AZKEN SOLASA ITZULTZAILEAREN OHARRA Liburu hau Ekuadorko literaturaren zatitxo bat ezagutzera emateko asmoz egin badut ere, oin-oharrez hornituta doakizu. Ez dira jatorrizkoak, itzultzaile honi zor zaizkio baizik. Egileak adierazi nahi duena gerturatzeko asmoz sartu ditut. Batzuetan egileak kaletik jasotako hitz-esamoldeei buruzkoak dira; bestetan, Ekuadorko indigenen “berezko” hizkuntzatik –kitxueratik, gehienbat– erreskatatutakoez dihardute. Kasu batean zein bestean, euskaraz parekiderik ez duten terminoak. Ohar gehienak landare-abereen taxonomia-argibideak eskaintzeko dira. Kasu honetan ere zientzia-xehetasunak emateko ez, baizik irakurleak hobeto uler dezan pasartearen mamia sartu ditut. Dena dela, nire asmakizunak ez direnez, aitor dezadan iturria ere: Diccionario de Americanismos, Asociación de Academias de la Lengua Española, Lima 2010. Azken ohar multzoa Ekuadorko nahiz Hego Amerikako geografian eta historian erreferentziazkoak diren eta gure artean gutxi ezagutzen diren zenbait izen eta gertaeraren azalpenek osatzen dute. Lagungarri gertatuko ahal zaizki GUARAGUAO1 Hala modukoa zen gizona. Betizua, bakardadeetakoa. Ez, hala ere, bakartia: ahotik kargatzen zen eskopeta lagun zuela, beti… eta guaraguao bat. Gandor gorriko guaragaoa, moko sendokoa, lepagorria, atzapar handikoa eta luma-beltza. Indioilar koskorren tamainakoa. Guaraguaoa, izan ere, kapitaina da sarraskijaleen artean. Bera da urrunenetik usnatu abere hilen ustel-kiratsa eta taldea gidatzen duena. Gure guaraguaoa, ordea, inguruka ibili ohi zen edota pausatuta, hala moduko gure gizonak zeraman eskopetaren kanoian. Koartzen ehizan ibili ohi ziren biak elkarrekin. Gizonak tiroa jo eta guaraguaoa hegan joaten zen, aztoreen modura, zingira erditik ehiza-gaia atzaparretan ekartzera. Herrietara bolbora- eta munizio-bila bakarrik jaisten ziren. Eta lortutako lumak saltzera. Gizonari "Chancho-rengo"2 deitzen zioten. —Txerrena uk arraio alena, bino Chancho-rengona ite ik. Libera pare bat eskas luma osatu orduko, han joan ohi zen herrixketako dendari txinatarrei saltzera. Hamabost-hogei sucre3 inguru ematen zioten, ehun, gutxienez, balio zuen generoaren truke. Chancho-rengok bazekien; baina gorroto zuen eztabaidan hastea. Ez zuen, gainera, askoren beharrik, zeraman bizimodurako. Zarpail janzten zen. Mendian noragabe ibiltzen zen. Beltza zen, arrazaz; aurpegiera finekoa; hitz gutxiko ezpain irribarretsua zuen. Esmeraldas-etik4 etorria zela uste zen. Guaraguaoaz galdetzean, zera esan ohi zuen: —Deus etzelako jaso nian… Txiki-txikia zenetik hazi diat… Arfonso ik izena. —Ta zetik Arfonso? —Hoixe ata zitelako ipintzia. Behin, ez bi, lau libera luma jaitsi zituen herrira. Txinatarrek berrogeita hamar sukre eman zizkioten. Sancheztarrek, halako luma-pilaz ikusita, berrehun gutxienez atera zituela pentsatu zuten. Sanchez horiek bi anaia ziren. Aberats baten erdi peoiak: haren erdi lekaio, erdi bizkartzain. Eta Chancho-rengo berrogeita hamar sucreetako hamar gastatu eta bere mendietara zihoala, zelatan zegozkion. Iluntzen ari zuen. Astiro zihoan, eskopeta sorbaldan; eta kanoian, zutik, guaraguaoa. Ez zioten babesteko astirik eman. Ezta oihu egiteko ere. Aihotzak alde guztietatik erori zitzaizkion. Eskopeta alde batera erori zen eta, harekin, baita guaraguaoa ere. Hiltzaileak eroriaren gainera makurtu ziren. Barre txikika ari ziren. Hartu zuten eskuetan ustez oparoa izango zen diru-sorta. Serafin, anaietako zaharrena, oihuka hasi zen bat-batean: —Ai, ai, ai! Koska in tziak hontzan batek! Pedrok, besteak, ia muturren parean sumatu zuen hegal-ukitu bat. Hegodun zer edo zer zebilen. Ilunpeetan. Hildakoa zaintzen zuen nor edo nor. Beldur izan zuten. Eta ihesi alde egin zuten. Gau osoa eman zuen Chancho-rengok orbel artean botata. Hilda ez; hiltzen. Ez da ezer itsumena baino ankerragorik; eta itsumustuan erabilitako aihotz haiek bizi-haritxo baten ile-xerloa utzi zioten Chancho-rengori. Egunsentiaren hotza. Zerbaiten zama, saihetsean. Mugitu zuen eskua, ia ezin bazuen ere. Zerbait latza ukitu, eta erdi ireki zituen begiak. Egunsentiak liliz loreztatzen zizkion soin gainean sabaia egiten zioten orbel arteko zuloak. Gela bat iruditu zitzaion. Hil-beilako gela. Gortina urdinez eta beltzez jantzitako gela. Saihetsean zuena, alabaina, guaraguaoa zen. —Hara! ehori haiz, Arfonso? Ez… ez… e nazak jan… ume batek… etziok… kosk… iten… attai:… bestiak… Zabaldu zuen, azkenik, eguna. Mendi-oilarrak5 kantari hasi ziren. Chocota6 talde bat hegan pasa zen behe-behetik: pila bat. Beste bat, chiqueena7, goragotik. Tximu-talde bat adarrez adar igaro zen, oihuka. Sarraskijale bat pasatu zen goi-goitik. Ikusiko zuen dagoeneko. Inguruka hasi zen, zabal-zabal hegan. Azaldu zen beste bat ere eta hasi zen erronda beltza. Etorri ziren gehiago. Eulien pare. Estutu zuten inguratzea. Hasi ziren, “looping” eginez, jaisten. Hosto ihartuen gisara jausten ziren. Alai zeuden; segurua zuten. Zertan berandutu hodeiak harrapatzen? Haietako bat belardian lurreratu zen lotsati, nahikoa gertu. Gizakia beldurgarria da; baita hil eta gero ere. Serios, apezpiku baten pare, luzatu zuen buru morea eta begiztatu zuen guaraguaoa. Aurrea hartu zionen bat izango zen. Lasaiago, aurrera egin zuen. Jaitsi ziren besteak ere eta hurreratu ziren, hegoak astinduz. Otordu-prestaketaren zalapartak. Baina ustekabekoa! Oilarra bere oilategian bezala, guaraguaoa erasoan atera zitzaien, ezproikadak botatzen, hankapean hartzen. Sarraskijale guztiak, erdi hegan, atzera egin zuten minduta. Tartea utzi eta solasean ari zirela zirudien: zekena, halakoa! Dena berarentzat nahi zuen! Goiza pizten ari zen. Ahalegin guztiak bertan behera moztu zizkien. Loro-jario berde bat igaro zen kalakari. Sarraskijaleek, kikilduta, urrundu egin ziren hegan. Hilotzaren odola, eguerdirako, euliz gainezka zen; kiratsa zerion. Zauriak, ahoa, begiak… ubelduta. Kirats hark jateko irrika pizten zien luma-beltzei. Etorri zen beste guaraguao bat. Arfonso –Chancho-rengorena– zain geratu zitzaion, tente. Han ez zen, ez borrokarako plazarik, ez joko-zelairik. Ez ziren boxeolariak, ezta oilarrak ere. Amorruaren amorruz borrokatu ziren. Arfonsok eskuin-begia galdu zuen, baina, burezurrean eman zion ezproikadaz, bertan utzi zuen etsaia akabatuta. Eta, etorri ahala, kideak uxatzen jarraitu zuen… gaua berriro sabana gainean pausatu zen arte. * * * Eta hala izan zen… Zortzi egun geroago Chancho-rengoren gorpua aurkitu zuten arte. Ustelduta, alboan, hilotz, guaraguao argal-argal bat zuela, hezur eta luma, besterik ez. Har eta txindurriek jana zegoen. Ez zuen, ordea, mokokada bat beraren izpirik. 1929 GIZONA BAI, ANDREA EZ I Aihotza aho parean jarri eta arnasaz lausotu bitartean, txaluparen sakonenean etzanik, gorrotozko eta amorruzko hitz-jarioa zerion gizonari bere haserrean. Ibaiaren urak urre zikina zirudien. Eguzki-argiak jo ondoren, kobre leunduzko alehun eta milaka ispilutan zatitzen zen. Txalupa zanbuluka zihoan, olatutxoen plisti-plastak alboetan joa. Ertzetik edonork usteko zuen hutsik zegoela. Ontzi-hondoan etzanik, Chombok uretan behera eramaten uzten zion ibaiari. Ontzia nahierara zihoan, gidatu gabe, gizonak aihotzari musu eman eta mintzo zitzaion bitartean: —Hi bai, zintzoa. Eta garbia! Bestiai izan nionan maitasuna lakoa! Hiri esker kobrau ber dinat… Elkarri lotuta harrapa nahi nizkikek… Mareabehera zen. Ontzia uraren alde zihoan irristaka. Eguzkia zuzenean erortzen zen hodeirik gabeko zerutik. Adarpeetan, bejucoen8 bizar artean, gerizpe urdinak sortzen ziren han-hemenka. —Nazkarriya… Altxa zen, sartu zuen aihotza zorroan eta heldu zion arraunari. Gidaturik, ontziak guachapelízko9 sabel bikeztatua jaso zuen. Gutxira, hondartza txiki batean lehorreratu zen. Behin txalupa lehorreratu ondoren, gizona mango10 artera atera zen. Oinutsik zebilen arren, hegoak zituela zirudien. Orbel lehorrei soinurik txikiena ere ez zien utzi ateratzen. Han, berdegunean, ikusi zuen bere etxetxoa, atzeko aldetik. Oholez egindako garbitokia. Bizitokiaren azpian, erdi egur egindako enborra, aizkora itsatsita zuela oraindik. Adar batetik zintzilik, chayo11 bat ikus zitekeen lehortzen. Argiz apaindutako gerizpea, inguruan uxarrean zebiltzan zerrien kurrinkek hautsia. —Ez diat hau geyo ikusko! Jun in berko iat! Itsasoa-eo! Ibili, auskalo noa… Heriotza eman behar zien. Bai. Gizonari, kanpoan, hesi inguruan, gizon legez. Emakumeari, urdanga gisa. Barruan, non-nahi. Ezkutatu egin zen, ateari lotuta, beste aldetik, Juanen zaldia ikusi baitzuen… Catarnica12 talde bat pechicheak13 ia ukituan igarotzen ari zen. Olleroak14 txistuka ari ziren, non edo nongo bidaiariren bati deika bezala. Eguzkia epel zebilen kanaberadietako hesi garaien gainetik. II —Juan! —Chombo! —Jetsi hai zalditik! Hikin borroka in nahi diat. Ukabilka, aihozka in hirekin. Odola ean nahi diat! Arnasestuka eta urduri, ahotsa geldo eta ilun ateratzen zitzaion. Kanpoan itxaron zion. Eta hortxe egin zuten topo elkarrekin. Saihetsezina, hilabeteetako iruzurraren ondoren. —Itxoin… Zetik? —Bakik ehorrek-e… Etzak eruana in… Eta isekaik ez nei, eo sugiak bino okerro hilko haut… —Bino… —Eta Chabela? Chabela? Oin e nondik hator? Nun eon haiz aspaldi hontan, maarikatua, zerrikumea? Ez hautelakoan ikusi… Mespretxuzko hitzok aurpegian jotzen zioten oraingoan. Plazartezko15 sastrakadi bat oinez zeharkatzea bezala egin zitzaion. Odola are eta kolpe handiagoz zebilkion. Zingiradi batetik hotzez ateratzean, mayorca16-zurrutada bat hartzen denean bezala. —Ta ze! Heuria uk errua… Juan lurrean zen. Arratsaldea ilun egin zen. Baratzeko itzalek bazterrak inguratzen zituzten. Zabalguneko ertz bakarti hura egokia zen. —Bakarrik gaudek, hemen etzebilek inor. Hitz gehiagorik gabe, bildu pontxoak eta atera zituzten aihotzak zorroetatik. —Gordezak burni hoi! Kendu zituzten zimurrak aurpegitik. Jaulki zituzten irainak irainaren gainetik, olatuen aparra labar zorrotzetan bezala. Kanpaitzarren durundak joka hasi ziren. —Geldi hai eo sartu ingo iat. —Hau hitzat. Haiek kolpeak! Ahalik eta ebaki handienaren bila. Noiz kopetaren, noiz oinen bila. Altxatuz, jaitsiz, zirikatuz. Beti arin, pisua ez zen eragozpen. Altzairuen kanta. Gihar malguena. Emakume-bularren kanta: brontzezkoak, zerrenda morez zeharkatuak; palo-rosazko17 gailurretan amaituak. Txinpartak, ilunpeetan. Izerdia parrastadaka, zorabioaz nahasirik, burua lausotzen duen jora18-zurrutada epelaren antzera. Emakumearen begi traidoreetan bat-bateko buztankada indartsuz saltoka zebilen rabo de huesoa. III Tak-tak… Tak-tak… Tak-tak… Ferratu gabeko zaldiaren apoek arin jotzen zuten lur bigunaren azala. Chombo garaitu zen. Zorabiatuta zegoen. Bekorotz batek galdu zuen arerioa. Juanek irrist egitean, besoak itsu-itsuan astindu zituen eta bistan geratu zen. Chombok gelditu nahi izan zuen. Ez zuen horrela heriotza emateko gogorik. Beranduegi ordea. —Izorratu na… Iluntze zurbilaren argi-izpi galdua lapurtzen zuen aihotz-erpina odolez gorri murgildu zen gauaren ibai erdian. Lepoaren erdia baino gehiago ebaki zion. —Arraiua! Lepua kendu zioat! Odol-borborretan, hil-zurrungaka ari zen. Chombo alboan belaunikatu zitzaion. Burua altxa eta begiak behatu zizkion: zuri ageri ziren. Astinduen artetik aparteko astindu bat sentitu zuen. Ez zion jada gorrotorik. Lurrean etzanik utzi eta elastikoa ukitzen hasi zen: blai, likatsu. Odolbilduak sumatu zituen bularreko bizarretan; zipriztinak, aurpegian. Garbitu gabe, zorroan sartu zuen aihotza. Odolak izua eragin zion eta nazka hildakoagana. Hartu zuen bridatik haren zaldia eta gainera igo zen. Burua mendian sutea bezala zeukan. Argi entzuten ziren zaldi-apoen hotsak; ez zekien, ordea, non: lurrean, airean, mendian edo bere baitan. Tak-tak… Tak-tak … Tak-tak… IV Esteroaren19 ertzera heldu zen. Gaueko ordu txikiak jo zuten. Ez zegoen hotzik. Alderantziz, gandu epela altxatzen zen egunez eguzki galdatan egon ziren udako mendietatik. Izarrak beherantz makurtzen ziren. Isiltasuna. Erabatekoa. Eta hura estutasuna! Hura buruko mina! Hura nazka! Kendu zuen ebakiz betea zuen cotona20 eta alde batera jaurti zuen, pontxo ondora. Atera zuen ia kolpeka elastikoa eta biluzik murgildu zen uretan. Igeri egin zuen indarrez. Igerika jaio zen edo hori uste zuen. Ur freskoak sukarra arindu zion. Odol zikina urtzen ari zitzaion eta, ustekabean, garbitzen ari zela pentsatu zuen. Ur handitan zebilen; muskerren, korronteen, hesien beldurrik gabe. Putzu handietan hondora egiten zuen. Behera, oso behera: urak ‘izkira-azala bezain’ lohitsua egin eta ‘karramarro-gakoek adina’ estutzen duen tokietara. Eta emaztearen irudia etorri zitzaion. …Hargatik hil zuen. Gizajo egin zen; pentsatze hutsak min ematen zion. Baina, merezi al zuen? A! Bai. Argi zuen. Hala ere emakumearen oroitzapena zetorkion, guanta21 zaurituak habiak egiten dituzten zuloetara itzuli ohi diren bezala. Emaztea zuen gogoan. Kontrako uretan besoak astinduz, korrontearen etengabeko jario indartsuetan zoratu nahirik-edo. Nabarmen eta latz, emaztearen sentipen bizia piztu zitzaion: bere ilaje bihurria leuntzen zioten esku gozo haiena. —Kizkurra… Eta aho haren gozoa beharrezkoa egin zitzaion, egarritan ura bezala. Uretako epeletan –ala hotza zen? ala epela esteroko ur hura gauerdian?– haragia tente zuen, betiko laztanei deika. Etxetik gertu zegoen. Ezagutzen zuen: basa kanabera-multzoaren aldetik. Ehunen bat metrora, agian. Igeri egin zuen arropa utzi zuen lekura. Jantzi zituen galtzak; eta gainerakoa aihotz astunari lotu eta zokora bota zuen. Etxean zen jada. Igoerako mailak osatzen zituzten lau guacayetan22 gora abiatu zen. Bultzatu zuen bilduta soilik zegoen atea… Bila hasi zen, ukitu bidez. Soinurik ez ateratzen saiatu zen, solairuko kanaberak zapaltzean. Azkenean lo egiten zuten oholtzara iritsi zen. Azalean haztamuka aritu zen. Alde batera etzanda zegoen. Horma aldera begira. Tapakia gerriraino zuela. Eskuek andrearen lepondoko leuntasuna topatu zuten. Alboan etzan zen, luzetara, ahoa emaztearen belarri ondoan zuela. —Chabela. —Heu al haiz, Chombo? Bildurtu in nauk… Andrearen gorpuzpetik pasa zuen besoa. Atorraren barnealdetik, bularrak esku-ahurretan hartu zizkion. —Itxointzak –esan zion andreak, tapakia kendu eta ezpainak emanez, sorbaldaren kontra jartzean. Galdezka hasi zitzaion: —Nolatan etorri haiz? —Fruta saldu ta geo. —Lo geatu ninuan. Mariaberakin izan duk, ez? Gorputzen mugimenduak soinua eragiten zion zoruari. Buru biak itzaltzen ari ziren atseginetan. —Bukatu uk, mijito23? Gizona ahots isilez mintzatu zitzaion. Haragi biluzak oraindik lotuta zituztela. —Aizan, Chabela… Hi urdanga haiz. Txakur emia bino areo. Bino matte haunat; ikearri matte haunat. Ta hiatik in naun errukarri… Hiatik hil dinat Juan… Hau harrapatzen zidana… Jauzi egiten sentitu zuen andrea, arraina sarean bezala. Kolpeagatik, askatu egin zen haragi-lotura. Emakumearen arnasa beroa gizonaren aurpegian isuri zen. —Maarikatua! Bino ze arraio esate ek? —Hil in duala… Juan. Juan: hau harrapatzen ziana –eskuaz, urduri, hankartea estutzen zion– eta alde in ber dinau. Guayasera… Urrun. Urrun… Noa eo bestea… Alde in ber dinau… Txori bat, mendian, urrun, txioka ari zen: —Bujío24… AMA ZEN! I Auskalo zenbat etxadi zeharkatu zituen. Oinez. Lasterka. Lur-azaleko zuloetan sartuz. Alanbre-hesietako zapán25 nabar eta ankerretan haragi puskak utziz. —Gera ai, beltz maarikatua! —Ingura zak alde hortatik. —Piztia bino areo duk beltz hoi. Arnasestuka eta izerdi hotzetan zihoan. Atzetik zituen –ongi asko entzuten zuen– haien pausoak. Kapitaina zeraman zaldiaren apo zakarrak burrunbaka ari ziren zaldi-haztegiko lur bigunaren gain. —Hemen bai… Haizeak zeramatzan hitzak. Zaldi-haztegiaren muturrean zuhaixka-multzo bat ikusi zuen. Han ezkuta zitekeen. Hain bakanak ziren halere chilcak26 edota hostorik gabeak, guarumoak!27 —Ziuuu… Ziuuu… Bala-kolpeak barreka ari zitzaizkion belarrondoetan. Bihotzeraino iristen zitzaion Mánglicher fusilen eztandaren kolpe lehor bakoitza. Ez alferrik, ruralak28 ziren. Zuhaitzak baino harago ibaia entzuten zen… Ahate-kume batzuk zalapartaka ari ziren. —Ihesi bahua, bizi haiz… Irainka ari zitzaizkion? —Alanbreetan harrapako naitek… Haizearen ziztua firrindan zebilkion belarrietan. —Azal erdia utzi ber badiat e, pasa ingo nauk… Sartu zuen burua ezten arteko hari artean. Batek belarria urratu zion. Behatzak ebakiz, zabaldu egin zituen hariak. Odola, epel, belarri aldeko bizarretatik, bekokitik behera zihoakion. Goialdeko hariak ihes egin eta hesia itxi zion. Kolpe batez, bestaldera pasa zuen soina, sorbalda beltzean harramazka-sarea marraztuz. —Uztak zaldia pasatzeko –adierazi zioten zaldizkoari. Baina, ostikada batez ipurmasailean, hesia pasarazi zion behingoz. Belar artera erori zen muturrez aurrera. —A! Putakumia… Ruralaren bota, oraingoan, kanpai-kolpea iruditu zitzaion, ostikoz belarrian jo zuenean… lehentxeago urratutako belarrian. Altxatu zen, belauniko. Fusil-kaxak saihetsean harrapatu zuen bete-betean. Ostikada ostikadaren gain zetorkion. —Aja, hireak in dik... Beltz hura, ordea, gizon puska zen. Zezenak sokaz lotzean bezala egiten zuen orro. Eta ruralaren oinei heldu zien, sorbaldaz erorarazteraino. Egin zituen ahaleginak zutitzen, berak ere ostikoz jotzeko. Baina ikusi ere egiten al zuen ba... Bere pisua luze bota zuen eroriaren gain. Elkarri tiraka jardun zuten, hitzik esan gabe. —Aja. Harrapatuta zeukan. Atzamarrak ahoan sartu zizkion. Ruralak kosk egin nahi zion. Beltzak, ordea, eskuak sartu zizkion ahoan, hortzek egiten zioten mina sentitu ere gabe. Eta bat-batean tira egin zuen. Hotzikara sentitu zuen, ruralaren bi masailak etetean. Emakumeek jostean eteten duten zapiaren pareko tarratekoa egin zuen. Esku odolduak atera zizkionean ohartu zen soldadua hitzik esan ezinik geratu zela. Ahorik gabe zegoen. Hortz-haginen zuztar belztuek barre zegitela zirudien. Eskuak aurpegira eraman zituen, atal etenak bildu nahiez. —A! Putasemia... Alde guztietatik fusil-kaxen eta boten kolpe-zaparrada erori zitzaion gainera. Beltzaren begiak zuri ireki ziren. Ezpainek dar-dar egiten zioten, hitzen bat atera nahian-edo. Begiratu zien denei ingurura, belauniko. Eta dena kapitain mozkor eta sesiozale harengatik hasi zela gogoratu zuen! Aurpegia besoaz estali eta berriro erori zen. —A, maarikatua! —Rangel izorrau dik!... —Emaiok, goor. —Beltz maarikatua! …Hilotzaren gainean dantzan ari ziren. II —Eee, andrea. Etxe barrutik bazetorren erantzuna. Pausoak entzun zitezkeen. —Ea... Zer deu? —Aterpetxo bat... —Ruralak zazte? —Bai, ta? —Beno, sartu ba. Argimutil batek diz-diz egiten zuen andre beltz zaharraren buru gainaldetik. Txabolaren oinetan, kaki argizko taldeak erdi irekitako arta orria zirudien. Hizketan ari ziren beren artean: —Utzi hor, etxe azpian gordeta. —Han eman ber genioan lurra... Eroi huen tokian. —Bihar emango zioau. Segi. Eta kontu, atsua ez dein izutu. Iskanbila batean igo ziren. Ostikoka, hildako beltzaren gorpuak txiribuelta egin eta zeharka erori zen eskortaren itxiturako guacay-ertzaren gainera. Etxe azpian. Fusilak hormetan utzi zituzten, kanoiak gora zituztela. Kapitaina hamakan eseri zen. Joan zitzaion, ordurako, beltzarekin eztabaida izatera eraman zuen mozkorra. Gainerakoak buruz behera jarritako garbi-ontzietan eseri ziren. Arropa-kutxan. Ahal zenaren gain. —Beroiek jan dute? —Bai, andria. —Bino zerbait berua… katilutxo bat kafe, verde29 erriakin? —Mesede hoi in nahi bazu… —Petitaaa… Itzali den sua? Barneko gelatik neska atera zen. —Oindik ez, ama. —Ordun, verde batzuk erre eta kafe pixkat ingo inau gizonontzat… Neskaren ikuspegiak kapitainaren betazalak piztu zituen, pai-paiak balira bezala. —Aizak, "Pata e venao", ekatzak mayorca-pitxarra… etxekoandrian kafiai pixkat jartzeko… eta zureai re bai… Petita, ezta? Enun uste holako gau-lore errik topauko nula bazter hauetan… Petitak barrez erantzun zion, arnasa hartzean atorra arrosa bularralde trinkoaren formaz altxaraziz. Eta hara-hona zebilen, rurala erotzerainoko mugimendua eraginez aldakaz. Kafe ostean gustura egin ahalko zuten solas. Adineko beltzak moztu zuen: —Etzozte gaizki hitz eta pitz… bino barkauko nazue; alaba eta biok barrura guz lota… Goiz jaiki ber deu… baleike-ta bihar semia goiz etxeatzia Manabítik… Hartu zeuek, kriseilua. Eta guadúa30 zahar ebakiz egindako ate hori iluna itxi zuen. Ate-erroek, txekor-larruzko sokaz loturik, kirrinka egin zuten. Ruralek begi gaiztoz so egin zuten hara, baina kapitainak begirada zorrotzez gerarazi zituen: —Ez deila inor sartu… Fruta hoi neria ek. Eta nitzat bakarrik zeok, arbolatik noiz eroiko… Neskak keinu egin zion begiz eta kapitainak kriseilua itzali zuen. Hormetako kanabera bakanen artetik izpi horixkak irteten ziren. Zirritu hotzen parean ezarri zuen ordurako sukarretan zuen bekokia. —Eazten ai duk… Begia kendu gabe zegoen, eskua atzealdera zabalik, besteak gerarazteko. Zaharra zeharka pasa zen azpiko gonatan, mate31 bat eskuan, leihoaldera, kanpoan uztera. Arin-arin, gizonak ate bildutik sartu zuen burua. Keinu bizkor eta laburra: «etorriko naiz; itxaron nazazu». Petitak estutu egin zuen erdi zabalik zuen azpiko gona, lotsati, bularren kontra. Irribarre egin zion: «bai». Zaharra, ezertaz ohartzeke, aurreko ohatzeko oihal gorripean sartu zen. Itzali zuen kriseilua. Ordubete geroago, ateak kirrinka egin zuen. Eta kirrinka ari zen Petitaren ohatzea ere. Andrea zurrungaka ari zen. Ruralek, beren txokoan, nagusiaren zoria zuten amets-gai. III —Andrea, milesker denatik. Baguzi, eunak badu-ta ze inik! Petita irribarreka ari zitzaion kapitainari, zaharraren gibeletik. Norbaitek galdetu zuen: —Gaztia ezkondua ala ezkongabia da? —Bananduta do –argitu zuen amak. —Gauzatxo bat, andria, eskerrak noi eman jakiteko: zein da beorren grazia? —Panchita e Llorel. Une hartan ikusi zuen ongi Petitak zauritua –aurreko eguneko borrokan aurpegia eten ziotena– eta galdetu zuen: —Ze izan da hor, kapitaina?… Bart ez bainun ikusi… —Heaineun izan tzen. Borroka bat… —A ze astakoa, hoi in diona! Labanaz izango zen… —Ez, atzaparrez… —Jasaus! Masailik pe utzi dute-ta bizi osorako… Jaitsi ziren. Jadanik eguna argitu zuen. Hesi arteko bide umelak diz-diz egiten zuen, zeru urdinetik euria egin balu bezala. Caciqueak32 kantari ari ziren, hesi-inguruko aranondoetan. Bi emakumeek eguneko egitekoei ekin zieten. Petitak mina zuen gerri aldean: izan ere, hiru aldiz! —Aizan, Petita… Jatsi hain txerria ikustera, gau osoa muitzen eta uxarka jardun den… Jaitsi zen Petita eta amak oihu egiten entzun zion: —Ama, ama, gizatxar hoik hildako bat botaiote txerriyai… Zatoz… Hoixe aittu da gau osoan jaten… Jeesuuus! San Jazinto maitia! Zatoz. —Ruralak izan ber! Izurritia bino areo ditun: horreatik ez dinat lo txintik e in; eskerrak ez duten ezer okerragoik nahi izan hiandik. Iritsi zen. Lokak baino areago inguratu zuten eskorta. Ez zekiten nondik oratu; aurpegia lokatzetan sarturik eta gorpua sokaz lotuta ageri zen. Lepoaldea, janda. Bularraldea, janda. Saihetsak, agerian. —Maarikatu alenak!… Bene-benetan: ruralak izan ber… Ta nor ote dinau gizajoa? Lortu zuten, beso batetik tiraka, jasotzea. Elastikoa, odolez blai. Baina galtzak… ezagunak ote? Petitak, gonaren ertzaz, lokatzak estaltzen zuen aurpegiko beltzune kirastua garbitu zion. Jarri zuten gorpu erdia andre zaharraren besoen kontra eta beste erdia eskortako itxitura gainean. Ezin laburrago atera zitzaion Petitari garrasia: —Ai, ama! Anaia Ranulfo da-ta! !… Zaharrenak ez zuen hitzik esan. Aurpegi beltza –mizpirondoaren enbor kiribiltsua bezain zimurra– hauts kolorekoa egin zitzaion… oso hauts kolorekoa. Ruralaren musuek –gau ilun hartako musuek– min egiten zioten Petitari. Zaplaztekoak balira bezala… KIZKURRA ERDI ZENEAN Ez zuen atzera-bueltarik. Haurdun utzi zuten. Andres ez zen emakumearen etxera azaldu, berri eman zionez gero. Hartarainoko nazka sortzen zioten halako emakumeek! —Neure mamua ituk; beizkoatik hildakuak bino okerro uk emakume izorra: ihartu ite ik. Hori guztia zen! Baina baita bere beltzaren irudi liraina desitxuratzen ari zela ere. A zer galera, aldaka eta gerrialde haiena, haragi epel pila artean! —Zertan ikusi launa lapiko inda? Baina bazen besterik ere… Buruan iraulka baitzerabilen berea ote zitekeen Lucharen sabeleko umea. Negro Manuer, beltzaren senarra, bere aldetik, berea zelakoan zegoen. Andresek zalantzak zituen. —Nik larrua jo, bai… bino nork bete zian? Bai baitzekien ezinezkoa zela biena izatea, herrian, iseka artean esaten zenez. Batarena ala bestearena. —Neuria baek, mestizo itxurakoa… Harena baek, ikatzezkoa, burutik oineta… ikusko iau. * * * Lucha kizkurrak Jazintorekin, Andresen adiskiderik handienarekin, topo egin zuen. Jazinto hori gainbehera etorritako zuri bat zen. Lehen, hirian, bazen nor. Orain behizaina zen gertuko baserri batean. Orain "Er Colorao" zen. Sugarrezko ile gorritik zetorkion gaitzizena. Herriko dendan ikusi zuten elkar. "Er Colorao"k atariko zirgiloan lotuta utzi zuen zama-lanetan erabiltzen zuen mandoa. Sartzean, behatz lodiko azazkala marruskatu zuen, atean –"zorte ona sar dadin"– josita zeukaten ferraren azalean. —Ferra maarikatua! –esan eta sartu zen. Une hartantxe ikusi zuen Lucha, apaletan jarrita edo zaku erdi irekietan pilatuta zeuden jakien usain gordin artean: gantz, kakao, panamito-33 eta mayorca-usain artean. Erakustokiaren parean zegoen. Oinetakorik gabe, hautsez betetako oinak urduri antzera dantzatzen lurreko ohol gainean; mantal gorri bat soinean; bularraldeko tontortxoak eta sabeleko mendi-lepo zabala, koipez lardaskatuta. Jazintok xuxurlatu zion: —Hoi den izorra puska haona! Nabarmenak ziren kizkurraren aurpegian kuluxka luzeen nagia eta gorako ugariengatiko begi-zuloak; baita oilo-lorratza zirudien ile ia orraztu gabean ere. "Er colorao" arroza eramatera zetorren lan egiten zuen etxaldera. Emakumea ere erosketak egiten ari zen. Agur egin zioten elkarri: —Atsalde on, Lucha; ze mouz? Ta Manuer, ne konpai? —Ondo do; eta zu? —Hainbestian. Hitaz ez dinat galdeuko; bete-xamartuta ikuste haunat… Zena izan dun beteka? Luchak barre egin eta biak isildu ziren. Begira geratu zitzaion. Iragana gizakien aurpegian idatziko balitz, a zer lotsa pasa beharko zuketen batak zein besteak! Hitzik gabe zeuden. Dendaria galdezka hasi zen: —Ia; zer doa? —Pinterdi bat arroz. Luchak, ahotsa jaitsiz, bat-batean galdetu zion: —Ze mouz do Andres, hire launa? —Han do. Isilik geratu zen berriro, une batez. —Kontaiak ze gertau zakon… Zeatik ez dijun. Jun daila… —Beno. Eta hori izan zen guztia. Jaso zuen emakumeak gurina bildu zioteneko arto-orria. Jarri zuen gainerako erosketekin batera otar zaharkituan eta, baldar, tripaundi, dendaxkatik atera zen. * * * Negro Manuer poz-pozik zegoen emaztearen haurdunaldiagatik. Zuri geratzen zitzaizkion begiak pozarren. Eta zuri-zuri erakusten zituen betortzak, mutiko-algaratan. —Kar, kar, kar… Aita bezalakoa izango uk: mutil puska beltza! Eta bere guayacán34 kiskalizko gerrialde lakarrari begiratzen zion. Sorbalda-besoak, adabegiz betetako zuztarren pareko. Gauez, ohatzeko orein-larru gainean kuzkurtzen zen eta esku isila –arin-arin ibili nahi izaten zuen– sabel jasoaren gain jartzen zion, esanez: —Ne beltza. Ondo zaitzia nahi dinat, ne ume hau ez galtzeko. Negro Manuer-ek, gau bat bera ere emazte gainera irrika beroz botatzeari utzi ez zion berak, bakean utzi zuen hiru hilabete bete zituenez gero. Alboan zuen gorputzaren beroak edo bularren edo ipurmasailen ukituek bero jartzen zutenean, kanpora irteten zen. Pixa egiteko aitzakiaz. Luchak noizean behin –eta barre egin ohi zuen– mullullo35 antzeko lirdingak topatzen zituen hormako kanaberen beheko aldeetan. Sukaldean. * * * —Ai! Ai! Manuer, hoa arin eta ekatzak “ña Pancha”. Ai! Hil beaiat, ama berria nauk-eta… Joan zen lasterka eta laster eginarazi zion erdiarazten zekien andre sendalari zaharrari ere. Itxi zen atea. Tartetxo bat igaro zen. Ia ilunpetan zen gelan kizkurraren aieneak bakarrik entzuten ziren. Eta Negro Manuer-en ezpain arteko hitzak: —Guraita, zeutan zana… * * * Beste adiskide batek kontatu zion arratsalde hartan bertan Andresi. Herriko plazako edari-dendan. Chicha36-basokada artean. Egunak, joateko une hartan, hori-izpiz janzten zituen aurreko etxeak. Zerri bat kale erdian zurrungaka ari zen hautsetan, kantari mozkorrek, eztarria garbitu nahiez-edo, urruma egiten duten antzera. Begiak iluntzen ari zitzaizkiola entzun zuen istorioa Andresek. Eskuetako ontziaren beira landu artetik inguruari begiratuko balio bezala. —Txerrenana izan omen huen etxe hartan! —Ez duk izango! kontaiak! —Beltza otoizka, belauniko jartzeaino uste iat. Lucha hanka-zabalik eta Pancha atsoa umeari tiraka. Luchak garrasi iteai utzi eta atsuak umia garbitzian izan huen ona! Hasi huen Negro Manuer: «Ia ña Pancha. Ekatzu semia ikusteko». Hartzeik eta: «Bino zer da hau? Ez da aita bezala beltza»… Ña Panchak esan omen tzin umea xagu eta axaien moukoa zela: biluz eta gorri jaio eta geo berezko koloria hartze uten hoitakua… Andresek bere baitan: «Neuria uk. Ikustea jungo nauk. Semia ezautuko iat». Hezteak saltoka zituen soinean. Aurrez aurre gauza pila ikusten zuen. Aita sentitzen zen. —Ordun mutikua ez duk beltza? Beltzana uk? Nahasi moukua? —Ez. Mutikoa ez duk beltza, ta ezta nahasi moukua re. Txui-txuia uk, pottoka txuia bezalakua. Eta ilegorria. Ta hemengo txui bakarra kizkurran launa danez, ta ilegorri bakarra Jazinto Er Colorao danez, harena ber dik mutiko beinkatuak. —Ajá… A ze arpegiya jarriko zin kizkurrak! Arraio! Hoi zekarrek urdanga izatiak! Eguzkia gorde zen jada. Arratsaren janzkia ostargi-izpietan apurtzen ari zen. Eurite-susmoak zekartzan haizea atera zen. Herri sarrerako platanondo-sailak, haize-boladaren aurrean okertutik, erauntsika ari ziren. Andresek sudurrak zabaldu zituen, euria arnastuz. Eta handik, mendialdetik, soinu bat etorri zen. Beira urratzen duen ertz lakar baten soinua. Luzea, arnasaldi bakarrekoa, bost-hamar minutukoa, bat-batean belarriak jo eta, bultzada batez, isiltasunaren putzura botatzen duen horietakoa: —Ttirrittak euriya eskatze ik. Euriya zetorrek. Euriya zetorrek… Ta hoi zekarrek urdanga izatiak! Ta hoi zekarrek urdanga izatiak! 1930 TABAKO-KOLPEA —Mateo herrira etorri la esate iten —Bai zea. Nolatan? Kontakatiluen esanak ziren… asmo gaiztoz eginak ziurrenik. Ea zer aurpegi jartzen zuen ikusteko… —Eta hik, Manuela, ze uste en? —Deuse. —Akordatze haiz? —Baleiken… Dendaxkako etxekoandreak ez zuen emozio-aztarnarik azaleratu, garai bateko amorantea zetorrela-eta. Halere zerbait oso urruna, oso bat-batekoa pasa zen begi beltz haietatik… * * * Alde egin zuten, jada, azken mozkorrek. Ilunpeetan, begiak itxiz zihoan herriko kalea eta, une berean, itzaliz zihoan amorfino37 baten oihartzuna ere. Kutsu sakon eta luzeko amorfinoa; amorfino patartsua: Mañana me voy pa Quito a comprar paper sellao, pa escribisle una cartita a la hembrita que mi ha orvidao… Hitzak ez ziren ezer asko. Alkohol-dardaretan bigundutako ahots hautsia zen, negarguraz arrastaka, aspaldiko oihartzunak astintzen zituena. Orduantxe ikusi zuen Manuelak Mateo etortzen. Gauaren erditik ateratzen: mendi busti usaina zerion gauetik. * * * —Gogoan dun, beltza? —…Nola ez… Kriseiluak zabuka zerabilen bere arrasto horia ketutako kanabera nabarretan. Petrolioaren kiratsak eztula eragiten zion Mateori. Eta, isiltasun haren erdian, bataren zein bestearen esku-zartak entzuten ziren, mantablancak38 akabatzen. Ez zuten gehiago esan. —Hemen naun berrize… Hori zen guztia. Iragana ezabatu egin zen. Esku biek elkar hartu zuten, biei dardara beroa pasaz. Ahoen bila jo zuten. Neskaren bular trinkoak soineko gorriaren artetik gizonaren alkandoraren kontra estutu ziren. Kilkerrak jauzika ari ziren noragabeko hegaldietan. Saguzar bat, hegan. Kanpoan, igelek beren soinu-estalkia hedatu zuten neguko gauaren gain. Eta zoruko kanaberak karraskan hasi ziren, bi gorputzak kimu gazteak bezala bildu zirenean hara-honaka. * * * Hurrengo goizean ezpainetan zuen oraindik gizonaren musuen ahogozoa. Ezarian, gizonaren urrunaldiekin lotzen zituen laztan haiek. Bere ustez Guayaquil izan zitekeenaren kutsua hartzen zien. …Elkartuko ote ziren berriro? Ez zekien. Estutu ero haren ostean, bultza egin zion, soineko zimurtuaren ertz batez barrenaldea garbitzen zuen bitartean: —Hoa-hoa… Kontu, nire ama… Txikiyan aita bahaiz e… etzaiok gustauko. Eta presaka itxi zituen etxe-dendako ate zabalak. Ez alferrik ziren, kale beltzaren erdian, lo zorroan zegoen herriaren azken begi argiak. * * * Amaren kontu utzi zuen denda-taberna, esterora arropa garbitzera joateko aitzakiaz. —Enaiz ne kaltetan aiko. Enaiz ibaiko uretan mintze an lixiban ariko. Egia, cabuyaz39 gehio arraskatze ala arropa, bino laburro da. Laster nator, ama… Eta pauso arinez zeharkatu zuen, eguzki-argitan piztuz zihoan kalea. Presaka garbitu zuen. Uretara makurtuta. Oinetan, eskutada zuri eta dirdaitsu baten antzera, saltoka ari zitzaion chautiza40. Beherago, raspabalsa41 bat kirrika ari zen. Goiza ezin gardenagoa zabaldu zen. Ahate erroiak dantzan ari ziren joairan. Ur azalean hegaka hasten ziren, zuzen-zuzen, hegoak geratu eta, bat-batean, murgil egiten zuten. Amaitu zuen lixiba arreta handirik jarri gabe eta bainua hartzeko gogoa egin zitzaion. Soin gainean zeraman etxeko jantzia estalki bakar gisa eta beldurra alde batera utzita, trokaren erdian jendearen begiradatik gorderik zegoenez, esteroko uretan sartu zen. Soinekoa gorputzari itsatsi zitzaion. Ia garden ageri zen. Bularretako pinporta lodien erpinak zutik ikusten zitzaizkion tontorrean. Besape-sabelpetako beltzuneak ur tanta finez bete ziren, harribitxiak belusetan bezala dizdizka. * * * Etxerakoan, garbi, freskatuta, plazan topo egin zuen berarekin. Ile-apaindegiko aulkian. —Hator etxea… Hitz ein nahi diat… —Eta ama?… —Bazkaia prestatzen, barrun. Hator, ontxe. Urrundik jarraitu zion. Emakumea sartu eta, tarte batera, bera ere dendaxkan sartu zen. Andrea zain zuen, sorbalda barraren kontra jarrita. * * * —Mateo, egiya esan ber diak… Nekin etortzeko asmoa uk? Manuelaren begirada garbiak aztoratu egin zuen. Aitzakia-bila zebilen. Emakumeak, bitartean, zimurtu egin zituen bere ezpain finak. Eskua bekokitik pasa zuen, kiribil busti bat apartatzeko. —Ia, esantzak… Lengo bea haiz? Matte nauk, agindu hian bezala? Ezer emateko asmoik bauk hire alabantzat? Jainkoai eskerrak, etzaok ezen premian, bino aittan maitasuna betire… Besarkatu nahi zuen. Eskua luzatu eta kokospetik heldu zion. Irribarreka ari zen, emakumeak maite zuela jakinik. —Hara… Leikena un jun ber izatia… eo leikena un, baita, geatzia re… Geatzen banaun, hoixe hikin torriko naizela… eta txikiyakin! Eta eskotetik sartu zion eskua, azalerape hartan bularralde osoa –guria… zabala– oratuz eta, tarteka, erpina estutuz astiro… astiro. Bultzadatxo bat eman zion barrualdera, gelara. Antxume larruak harrotu egin ziren, gorputzei harrera emanez. * * * Bat-batean jakin zuen. —Mateo? Noa jun dala diok? —Bolívar Carriónen etxera; han tzaon etorriz keo, Guayaquildik karri din zuriakin… Itsaso zabalean –gogoan zuen Morrora joan zeneko hura– bateltxoaren zorua nola, halaxe sentitu zuen lurra. Begiak ere itxi egin zitzaizkion zorabioagatik. Ez zuen deus esan. Zurbil geratu zen, hildakoa ikusi balu bezala. * * * —Manuela, hobe dun mespretxua! Ez hai jarri sutan! Itxoin tzan! —Zakurkumia! Hoixe dun: zakurkumia! Bekainak, beltzaren beltzez, bat eginda ageri ziren lerro bakarrean. Emakumea zen jada, ez neskatoa. Lehenengoz utzi zuen hartan ere ez zuen negar egin. Jakin zuen amonak utzitako arropatxoak saltzen eta, amarekin batera, dendatxo bat jartzen. Jakin zuen bizirik irauten. Ez zen ezeren beldur. Baina a zer erremina pizten zion gizon hark! —Emakumiak iraindu nahi gaitin! Gajo pilai in tzeon iseka! Gizon katxarroa delako horrekin! Lagunak baiezkoa ematen zion, barrendik irrika-izpi bat ateratzen zitzaiola. Zenbait pertsonari sumatzen zaion eta hain erraz maitasun egiten den gorroto-kutsuaz nahasirik. —Bino neska! —Pentsa, Petita! Neska xalo eta tolesgabia nindunan. Neskatxa. Ba beak hondau nindinan! Tauran izan tzunan, ne attona zanak zinan baserrian. Ni bai, inuxentia! Ganbarako atia irekitzen nionan gauero… Umia jaio eta zarra zalapartan hasi zeneako, berandu zunan… eta beak hanka in tzinan… Oin e zuri gajo bat ekarri ula esate ine, limurkeitan… Zakurkumia! Hoixe un: zakurkumia! Ta andria dula re, beste emakume batekin etorri ez den ba! Eta nik, astakiloa, utzi in tzionat… —Eon haiz beakin? —Bai, bart eta ontxe bertan… —Bino, nolatan? Lehen e hi laga ta jun in tzunan… —Ba… matte inatelako! * * * —Beno, don Mateo. Ne urtiak dia ta, bakiak iteko, zure etxekonekoa naiz ta kopatxo hau hartu nahi dut zuatik… —Ongi, andre Petita; atea beste bat zeutzat e, Manuela. —Topa! Hirurek esan eta edan zuten. Petitaren urtebetetze-bezpera zen. —Apur bat gorra do, ez? Pattar hau! In tzazu biharko chicha-ontzika bat. Askoz hobia da chicha. Horrela egin zituzten bakeak arratsalde eguzkitsu argi hartan. Udako42 atarietan. Herria bero-bero zegoela, sanpedroetan korritzeko. Bikotekide-bila zebiltzanak prestatzen ari ziren. Donibane-zuhaitza egingo zen. Eta Guayaquildik tiobibo bat ere etorri zen. —Ona zetorrek jaiya… Gustura jardun ber diat aurten sanpedruak korritzen! Etxe artetik usain minezko ke-lainoa altxatzen zen. Jora egosten ari ziren sutatik zetorren. Alboan, mazamorra43-eltzekada bat zegoen irakitan. Mahukak ukondoen gainetik jasota, bi etxekoandreak lanean ari ziren. Mateo atera eta zaldiaren txalma trostaren konpasera soinu eginez, lo-kuluxkan zen kalean barrena aldentzen ari zela, emakume biek elkarri begiratu zioten. Manuelak harrika bezala bota zituen hitzok astiro-astiro: —Ona ho, sanpedruak korritzekotan ba haiz! * * * Zain ziren, iskanbila noiz hasiko. Ez zen asko luzatuko. A! —Oindik ez dian kontau ze esan tzinan iteko… —Jun nindunanin, armadilo bati jaten ematen ai zunan… Eta gelan sartzeko esan tzianan… Hango belarrak eta hango usaiak! Bildur pixkat e baninan! Okerro oindik burezur bat ikusi ninanin atsuan gelako apaletik zintzilik. Eta okerro oindik, ohe azpitik rabo e güeso44 bat arrastaka ateatzen ikusi ninanin… Karraxi in ninan… eta, gonak jaso eta korrika atera nahi ninan… eskerrak atsuak lasaitu nindunala! —Ni enaun inoiz eon sorgin baten etxian… Jesus, Ma… —Itxoin. Bukatu zinan, azkenian, armadiloai jatena ematen ta zea esan tzianan: «Ta beno, zer da zuk nahi zuna? Zukin itzultzia ala kalte itia?». Ixil-ixil geatu nindunan. Eta esan nionan: «Ba… zer da hobia?»… «Zeorrek nahi zuna»… «Eman bitatik eta doblia emango izut». Pentsa: oilar giroa45 saldu ber izan dinat –neukan onena– eta oilanda amerikarra! Eta be zerrikei hoitakuak eakutsi zizkinan… —Zeintzuk? —Bata, berriro neanatzekoa, zerrikei hutsa un. Lotsa re ematen tzian! —Esan tzan, neska. Tira, zer tzan? —Ez, ez… Beno… hi konfiantzazkoa haiz… Garbitu in ber dun zea… badakin. Eta ur hoi eaten eman nola eo hala. Erre re, bai, buruko hiru ile, besapeko beste hiru eta beko beste hiru… eta errauts pixka hoi haren chicha eo ureta bota… eta, hola, gizonik makurrena re norbeana etortze un. —Eta bestea ze izan tzunan? —Ez den hain zantarra… bino bai okerro… Botila pattarretan librerdi bat tabako jarri ber den eta gau-intzetan utzi, goiz arte. Ta geo bahetu… pattar hoi… —Beno-beno eta hik ze eman dion? —Ez izatea zeukanan hain zakurra! Tabakuana eman tzionat! Gogo geioz etzan dein zorioneko zuri horrekin! —Eta ze gertauko zaion? —Ehorrek ikusko un. * * * —Manuela! Hator! Hator! —Zer tzu, ña Chepa? —Hator Mateo ikustea. Zalditik eroi dun. Eta eotu in dun. Zaunka ai dun, zakurrak bino areo eta lurrian bueltaka, ahotik lerdia daiola. Hator, azkar. Han, taberna-kantoian. * * * Hautsez zikin. Belauniko eroria. Gizon andrezale zenaren ile zaindua, laztuta. Begiak itzalirik, botila-kristal lausotuak balira bezala. Algara ergelez barrezka. Horrela ikusi zuen Manuelak Mateo: behinola beso artean izan zuen Mateo hura. —Ne beltza, ne beltza; zer duk baina? Txundituta zegoen gertatzen ari zenaz. Inguruan jendea biltzen ari zen. Izuak jota, ez ziren hurreratu ere egiten laguntzera. —Hara… —Atea daila norbait etxea… azkar. Zurianea… Manuelak aurrera egin zuen denen artetik. Belauniko jarri zen Mateoren ondoan. —Hor zetorrek zuria –zioen jendeak Hura mayorca-kiratsa, ezpainetatik jaisten zen lerdeari zeriona! Bai zegoela zikina lurrez! Begiak, galduta, dantzan zituen. Orro artean, oihuka hasi zen: —Heu haiz-ta, putakume alena! Jo zan larrua karri hindunakin! Manuelaren esku finak, samurtasun eztiz, betondoetatik kendu zizkion ile izerdituak. Makurtu zuen burua eta begiak musukatu zizkion. —Esan ne zuriai tortzeko! Esan ‘tximu’akin46 kusi duala ohean, bino etzaitela axola!… Esan tortzeko ‘tximu’-kumiakin eta miazka nazatela ixten nauteneako!… Maarikatua! ‘Tximu’kumia! ‘Tximu’kumia! Eta jarraitu zuen: —Eta hi, zein haiz? Manuela haiz? A! putakumia, hoa pikuta! Goraino naon emakumiez… bino ezin naun marikoia izan… Galde apaizai, marikoia en-ta, ia ona den alukei hau… Jendeak: —Zuria. Manuelak lur gainean utzi zuen, eztiro, gizonaren burua. Eta negar egin zuen. BASOMUTILAK —Alargun bati lapurtzen ai gaituk eurra, beste alargun bati emateko… —Uste-k tamarindopekoa ez dala beotzen, ala? 47 —Auskalo… —Baleikek zerbait txarra gertatzia… tigriak easotzia… eo piztiak nor eo nor eamatia… Erretzen ari ziren, ke apur bat egitearren; güitifea48 sutan baitzen, ke lodia ateraz. Baina keak berak ere ez zituen lasaitzen. Hamabiak ziren. Beroak isiltasun sakonez betetzen zuen egur-mendia. Azken loroak mendebaldera-bidean pasa ziren: —Gerre… Gerre… Hodei-izpirik ez zegoen zeru urdinean. Ibaiak, bere ur azkarretan, ez zuen zeruaren islarik ematen. Zuri eta ildaskaz betea zetorren, uraren abiadagatik. Basomutilak isilik zeuden, nor bere zigarroari tiraka. Isiltasuna, tarteka, areagotu eta lodi egiten zen, azazkalen raast-raast geldoa azalean azkura egiten entzuteraino; edo han behean, urak jaistean sortzen zen hondartza aldean, bat-batean, guanchicheren49 baten murgila nabaritzeraino. Bi gizonek atseginez begiratzen zituzten, aurrean etzanik, sabel gorriztak erakusten zituzten beren marrazoak: oholak. Ur-aldien laztanengatik jaiotako lohi lirdingatsu batek estaltzen zituen. Azalari helduta, karramarro txikitxoak zituzten. Ertzetan, aizkorak kateatzeko ireki ohi den zaurian, barraskiloak ikusten ziren erantsita: ur gezatako eta lohi arteko barraskilo finak. * * * —Liberato… entzun duk?… —Ze? —Kusi uk tigrian arrastua? —Kusi iat, Kaslo… Eta hik? —Nik e bai… Zitala uk tigre hoi! —Honezkeo konturau zazte ne pausuak zapaltze itula. Alafede. Nik, Kaslo, nik etzioat beldurrik… Bino tigriak baten-baten oinatza zapaltze unin, beldurra iolako izatek eta azkenin eaman ite ik… Ona zeok, halare, ni eamateko! —Ez hai babua izan, motel! Ez duk pa esan ez duala beldurrik? —Bino oinatza zapaltze iona eaman ite ik… Eta nei re oihu in tziak alargunak! Zuhaitzen motots berde ilunen artetik zarata atera zen tarrapataka. Hegaztiren bat, hegan hasi nahirik. Moteltzean, kanta luze bat sortuz urrundu zen astiro-astiro. Amorfinoetako kanta bat. Hitzak galdu arren, behin entzunez gero, doinuaren kutsua ez da inoiz galtzen belarrietan. Güitifeen durundiaren edo euriteen uluaren paretsukoa baita. Eta perico ligeroak50 egin ohi duen soinuaren antzeko kutsutan itzaltzen da. —Liberato, tamarindoko alargunak deitu ik? —Deitu naik, Kaslo… Eta nee izen-abizenez: Liberato Franco… Bideko bihurgunetik uztarri-idiak iristen ari ziren hondarrezko zabalgunera. Peoiak, zaldietan, oraindik abesten ari ziren, punta zorrotzeko makilaz idien pausoak zuzentzen zituzten bitartean. Oholen atzetik urruneko trumoi-burrunba geldoa altxatu zen hauts-hodeiekin nahasirik. Tartean, zuhaitz-enborrezko gurpil zakarren kirrinka-haria zebilen. Mendiko hedez eta burdinazko ferraz jantzitako iditzarrek etengabean tiraka ari ziren, erdi zuritutako sabel gorriak erakusten zituzten zurezko marrazoetatik tiraka. —Alargunak hots ein ziak… eta tigriak arrastoa zapaldu ziak… * * * Halakoxeak ziren ile kizkur denak. Ohol beltz beretik atereak ziruditen. Larru latz gogortuzkoak: eltxoaren sastada ñimiñoak baino zulatu ezin duen horietakoak. Liberato eta Carlos pozik jarri ziren, une hartan iritsi berria zen idi-parea zela-eta. Izan ere, figueroak51 eta nigüitoak52 zekartzaten. Hirurehun geruza dituzten zuhaitzak: oso zaharrak –urtebete, geruza bakoitzeko–… Beren adarpetik huankavilcak53 igarotzen ikusi ahal izateraino zaharrak. —Karroka bat gehio, ta almadia paria ingo iau… Etzi ibaian bera goazak… —Almadia bat Pailón-entzat, ezta? —Bai. Eta nigüitozko bestea, alargunantzat. El Oro kale inguruan duk. * * * —Bihar goiz arte ez gaituk itzuliko barrenea. Mendia nahiko alua uk gauez; hobe iau ibai ondun geatzia… Jendeak oholak prestatzen bota zuen arratsaldea, hurrengo ibaiketarako. Zortzi gizaseme beltzen bizkarretan palmondo haietako bat altxatzerakoan, airean jasota, inork ez zuen arnasa hartzen. Izerdi-patsetan mugitzen ziren, biluzik, pauso motzetan. Zamak ez zien uzten lurretik altxatzen. Zamaketari bakoitza adaxka bihurtzen zuen: zangoen hamasei erroetatik lurreko enborrari itsasten zitzaion adaxka eta ehunzango geldoa bezala herrestan ibilarazten zituen. —Up… Up… Gorputz osoaren ahaleginak behartuta, zamaketarien adore-oihuak doinu bereziz jantzirik ateratzen ziren eztarrietatik. —Up… Up… Eta almadiako oholak, pisuak ematen zien arintasunaz, irrist egiten zuten beste oholen gainean. Izurdeen antzeko jauziak. Bostetan eguna freskatzen hasi zen. Oholak oso behean ziren jada, hondarrezko zabalgunean. Ordenan jarrita, almadiak egiteko lotu zitzaten. * * * Gizonak sutondora hurreratzen ari ziren. Lankide bat zerbait prestatzen ari zen. Gehienek verdeak zuritu eta txingarretan sartu zituzten, erreta jateko. Lapikoaren inguruan eseri ziren, hari zerion arrain-usainetan Etorri ziren Liberato eta Carlos ere. —Ba al gea? —Ateako izuet. Iluntzen ari zen. Lurrezko euria ari zuela zirudien. Edo, hobe, lurrun beltza altxatu zen basotik, erraztietatik, ibaitik bertatik. —Nausi, goizian tigria kusi deu… —Bai? Nun? —Uztarria lotzen ai ginen… Beharba idiak izutu nahiko zituen… Tximuak isiltzian eta basoilo bat hegan atea zela sentitzian, berriz, zea esan nien hauei: tigria! Eta egun argi izanda re, su in genun… Urrundik ikusi genun… Kuzkurtuta. Begitzarrak bakarrik iten zuten argi, basoko ilunarteetan. Beste batek hartu zuen hitza: —Benavide, hik siniste al duk hor esate itena: zapaldu ite ittula bildur dionan oinatzak eta azkenin eaman ite ula… E? —Bai hoixe. Kusi re in diat… —Nolatan? —Longo bat54 … Longo erdi ero bat huen… Tamarindopeko alarguna hotseiten ai zitzaioan… Carlos tentetu egin zen. Lagunak bezalaxe. —Manglea karriatzen ai ginuan ibaian… Behe aldian. Choloen55 lurretan. Adar bat genin goian jarrita. Longoak etzian inoiz lo in nahi izaten bian. Eta tigria bere hanka oinatzetan ipintzen hasi zitzaioan. A ze beldurra sartu zitzaioan harrezkeo! Otoitzekoa jo orduko, han tzegoan longoa adarrea iyota. —Eta deitu al tzioan tamarindopeko alargunak? —Bai zea! Benavidesek irribarre egin zuen, jakitun direnek gai horietan ohi duten bezala. —Nik entzun tzioat… Hezurretarainoko hotzikara zuten, ziurrenik, denek. Iluna irabazten ari zen, sutako ilajearen mihi dardartiekiko borrokan. Ibaia tinta beltzezkoa egiten ari zen. Chagüiz56 batek garrasi egin zuen eta, zarataren gainetik, hontzaren karraka entzun zen. Jaten ariko zen, zalantzarik gabe. —Neuk e entzun nioan… Atsuana bezalako ahotsa ik: erdi ahate-kumin eta erdi maría-n57 oihua. Eta gauero-gauero etzian hutseiten oihu iteakun… Esaten aiko balitz bezala: «Joan, hator hona»… —Eta ze iten zian beak? —Geo ta okerro jarri huen. Beldurrez gaixotu in huen. Berakuak akatu zian! Hori-hori jarri huen. Eta gau batian, Guayasea ateatzeko bezperan, tigriak eaman tzian. Adarran gainetik bertatik… eta geu bian ginela! Oindik entzuten ai nauk in tzian karraxia. Eta, argia piztu nuanian, tigrian itzala ikusi nian, hortzetan longoa zeamala! Suaren argi-printzak gizonaren aurpegian islatzen ziren. Afaria prestatu zuena mate hutsak biltzen hasi zen. Liberatok aldetik bota zuen verde erre hotz baten zatia eta irribarre egin zuen. * * * —Xauzarra eta banpiroa gauza bea al dia? —Ez, banpiroa handiyaua uk… —Hator akatu duan hau ikustea. Hankako bihatz potolotik zurrupaka ai zitekan. —Ordun, banpiroa uk. Atera zuen Carlosek estalkia eta ohatzeko ahuntz-larruen gainean eseri zen. Kriseiluaren argiak handituta mugiarazten zituen ondoko nigüitoen hosto-azaletan bi gizonen itzalak, txabolako sabaitik esekitako lastoaren hari dilindarien dantza berean. Joan zen adiskideagana. Makurtu zen saguzarraren aldera. —Ondo hilda zeok? —Beira. Baietz uste iat. Ziarrua erreazteko esate iate, ez? Txotxaz ukitzera zihoan unean, banpiroak hegoei eragin eta, sigi-saga, bi jauzi egin zituen. Ingurukoek atzera egin zuten. Mamorroa herren zegoen eta, mugiezinik, gelditu egin zen berriro. Leloturik bezala. Eta orduan, bi zapán erabiliz, hego-ertzetatik lotu zuten zabal-zabalik. Luzatu zion Liberatok bere zigarroa eta, Carlosek galarazi baino lehen, erre eginarazi zion saguzarrari. —A, babua… Izorrai… —Zetik? —Ehorren ziarrua eman diok-eta… Bakik: saguzarrak hasitako ziarrua erretze unin, zori txarra ekartze iolako aurretik erre unai… Ez zuten jada jostatzeko gogorik, ezta dauleñoaren58 ertza ilinti bizi eginda ikusiz ere. Ezta mamorroaren keinuak ikustean ere. —Eraiok kontrakua… —Ze? —Iok pixa gañian… Liberatok gernuaren zarrastadaz estali zuen mamorrotxoa; eta zigarroa itzali zuen. Eta ezin zuten loak hartu. * * * Uztartu zituzten zaldiak eta idiak. Peoi batek, ezparak uxatzen zituen zaindu bitartean. Eta bejuco batez belarra astindu zuen, sugeak edo har iletsuak agerrarazteko. Zuhaitzak eraisten zituztenak aizkorak hartzen ari ziren: zuri, aho-aldearen zorrotz beldurgarriagatik, ez berri zirelako. Eta ekin zioten lanari. Ez ziren oraindik izerditan. Fresko egiten zuen! Eta aizkoren azalek diz-diz biziak eskaintzen zizkioten opari goiz-eguzkiari. Alai zeuden. Biharamunean ibairatuko ziren. Eta bihardamu, Guayaquilen. Malekoian zekuskiten beren buruak, Conchero59 inguruan. Aretoren batean garagardoa hartzen. Izan ere, pattarra gutxiesten ez bazuten ere, nahiago zuten garagardoa. —Ez dik hainbeste mozkortzen eta jatekua re bauk. Benavidesek erdi-ebakian zuen figueroan ziharduen buru-belarri. Apur bat geroxeago, oihu egin zuen: —Ia! Ondo al dia lokarriak? Bazik lurrera… Alde batera egin zuten adi-adi. Gizakoteak azken kolpeak eman zizkion aizkoraz, bere basomutil-zahar begiak eskatzen zion saihets hartan. —Hoa bera! Bat-bateko zarata artean erori zen: hostoak hostoen kontra igurtziz. Abarrek abarren kontra jotzen zuten, eta krakateko izugarrien artean hautsi ziren. Enborraren trumoi bortitzak lurra dardarazi zuen; burrunba bakardadeetako oihartzunetan errepikatu zen. Gortuta, baina han joango ziren korrika adarretara. Indioiloen edo basoiloen arrautzak egon ohi ziren. Edo mosquiñañen60 eztia. Batek garaiz ikusi zuen: —Kontuz cuboekin61… Baina Benavidesek, jauzi eginez, urrezko lainotan bezala burrunbaka altxa ziren liztor beldurgarrien artetik, zera erantzun zion: —Ni, barrura; ze arraio! Eztia nirea uk! —Baldin bazeok… Beste batek ere salto egin zuen: —A! Bazekiat zeatik sartze haizen ikaraik pe; erremiyua ezautze kalako: mihi puntai kosk inez Cotonak baliatuz, uxatu zituzten cuboak. Baina ez zegoen eztirik. Nigüito bota berriaren adakera aurrean zuen hartan etorri zitzaion burutazioa. Ikusiko zuten indarrean zela! —A! Neu bai, gizona! Aurrerapauso bat eta: —Ta egiya baa? Ta beizkoa inda baneok? Ta saguzarra ta tamarindopeko alarguna eta zapaldu iaten oinatza? Ba hil ber baiat igual duk adar artean eo hementxe… Beno ba, aurreaka eo… Ebaki zuen adar luze bat aihotzaz: nigüito adar bat, berak nahi bezain zuzena. Zuritu zuen eta esku artean laztanduz gozatu zuen. Marra zuria zirudien. Makila biribila zen, ez oso lodia; muturrean, zapánaren lokarri sendoz, puñala lotu zion, altzairuzko tximistargi fina. * * * —Arima ateako iat… Tamarindoko alargunana jun ta esan berko iok butik bera kakazten duala: bea ta hanketatik tira zion putakumia… Arratsalde hartan uztarriaren atzealdean geratu zen; bere behor pinttoan igota. Carlosek lantza bihurtu zuen makila ikusi zion: —Ze habil? Ez hai atzian geatu… —Kusko. Ez hai kezkau… Liberatoren aurka aztikeriaz jarduten zuen lankideak irribarre egin zuen, atzean geratu zenean ahapeka tigrearen aurkako irainak botaz. * * * Zenbat itxaron zion? Ez zekien: aspaldi galdu zuen orduen kontua. Zaldia amu gisa zeukan loturik, inguruan larratzen. Bera –su-armarik gabe– zelatan zegoen gertutik. Gorrotoa gailendu zitzaion, bihotzean irainka ari zitzaion piztia haren aurka: oinatzak zapalduz eta oilo deituz irainka ari zitzaion aberearen aurka. Urduri zegoen; bihotza ostikoka ari zitzaion, egia. Baina ez zen beldurra. Aberearen beldur balitz, ez zion itxarongo. Eskua izerditan zuen, makilaren lepoalde zuzena estutzen zuen bitartean. Hain ari zitzaion estu heltzen, odola atera edo ito nahi zuela baitzirudien. Eguerdiko ordu bata. Ordu bi eta erdiak. Hirurak, agian. Abereak aspaldi isildu ziren… beroagatik agian, gertu zebilen tigreagatik agian. Oihana zuztarrez eta adarrez itxi-itxi egiten zen gunean, hostoek iragazitako eguzki-orainak soinean, Liberato Franco etsaiaren zain zegoen, kuzkur eginda. Gizakitzat zuen piztia etsaia. Pertsona gorrotatutzat: emaztea lapurtzen digunaren parekotzat, esate baterako. Denbora-pasa aritu zen: hosto-tartetik guataracak62 egiten zuten errenkada ikusi zuen. Ur-putzu batean pejesapoak63 saltoka ari ziren. Urtxintxa bat, korrika-saioa eten, eta so-so geratu zitzaion begirada eztiz eta bat-batean tente jarri zen. Aztarna bakarra. Kolpe batean bi bunbuilo berde argi eta dizdizari ikusi zituen behorraren aurrez aurre. Ia-ia lurraren parean. Pixkana katutzarraren ingurumari dotorea ezagutuz joan zen. Isatsa begiztatu zuen, bejuco malgu eta isila lakoa, saihetsaren alde batera eta bestera saltari. Hala etzanik, behe-behetik, benetan luze ikusteraino luzatzen zen. —Txanka me halakua! Liberatok ere argi zituen begiak. Gorputza, tenkatuta. Eta une hartako argitan, adar artetik iragazitako eguzki-izpiak bezain argi eta dizdizari nabaritu zuen makila: zuzen, geldi. A! Ziur zen bere pultsuaz. Ez zuen begien bistatik kentzen aberea. Gorputzeko poro guztiak adi-adi zituen: prestatzen ari ziren, zuzen-zuzen. Bihotza ikaragarrizko pasilloak64 dantzatzen ari zitzaion. Eztarriraino igoa zuen: hortxe sentitzen zuen. Zer axola, ordea, bihotza jauzika izatea, gorputza geldi-geldi badago?. Okerrena, ordea, zen tigreak bihotz-jauziak entzungo zizkiola. Taupadek, izan ere, pilotakadak ziruditen benetan: nola ari zitzaion bihotza! Heldu zen tigrea oihana itxiago egiten zen ertzera eta, bat-batean, gelditu egin zen. Haize-bolada altxatu zen; adar lehor eta ogi-fruta65 zahar batzuk bota zituen. Tigrearen aldetik gizonagana zetorren; ez gizonagandik tigreagana. Aldeko zuen, beraz. Tamarindopeko alargunak deitu ziola esango zuten gero! Gorroto balio, bere toquillazko66 abanikoa astinduz, aurkako haizea aterako ziokeen. Bai polita, piztiaren bular aldea! Guayas itsasadarra bezain zuria eguerdiz! Koartzaren buztaneko lumaz egina zirudien! Eta harena bezain tente harrotzen zen! —Larrua ieri badabilkik, nei re bai. –zioen berekiko Liberatok… Gainerakoa laburra izan zen. Tigrearekin batera egin zuen salto: hartarainoxe zuen begiz joa. Tigreak huts egin zuen saltoan –kirtena, halakoa!– eta, zaldiaren hanka-gainera erori ordez, albo batera erori eta atzaparkada soil batzuk egin zizkion zaldiari. Begiratu zion tigreak gizonari, baina ez zuen ongi neurtzeko aztirik izan. Gizonaren gainera salto egin eta berriro huts egin zuen. Bi aldeetako borrokalarien jauziek bat egin zuten ezinbestean. Ziztu batean mugitu zuen gerrialde osoa –orroan itoko zela uste zuen– eta, berarekin batera, barreneraino sartu zuen makila muturraren laurdena eta gehiago. Izerdi hotza zerion Liberatori eta une batetik bestera bihotza bota behar zuela uste zuen. Zaldi gorriztak, tigrea –izuaren izuz irrintzi eginarazi eta oldartu eta jauzarazi zion tigrea– oraindik izterretik helduta zuela, hauts-zurrunbiloak altxa zituen zabaldiaren inguruetan. * * * —Hi, Benavide, hor tzetorrek ño Liberato! —Txantxik ez, motel! Ño Liberato tigrian sabel… Liberatok zalditik jauzi egin zuen, tigrearen gorpua askatu eta lurrera bota zuen patata zakua balitz bezala. Denek inguratu zuten. —Kusten? Kusten? Sauxarrak ne ziarro-punta erre zian eta tigriak, ne lantza-punta… Tamarindoko alargunak nei ez; berai intzioan oihu eta neuk zapaldu zioat oinatza … Kar, kar, kar… Alai ageri zen, bizitako ikaraldiaren ostean. —Ta bakizue, ze arraio, ez duala sorginkei eta holako ziritan sinesten. Hor tzeok! Eta Benavidesek honela ziotson lankide bati, prestatuta zituzten almadia ondoan barrez ikusi zuenean gizona: —Liberato hau lengo montubio67 haitakoa diau… 1930 URAK GORA EGITEAN… —Matte haunat ta bestiak, hor konpon… —A, bai? Ez iak barre erain… Aurrez aurre ziren. Desafioka, neska; irrikaz, mutila. Uren gorakadak eragindako kulunka geldoan zebilen almadia. Amildegiak berdintzen ari ziren. Zuhaitzak, belaunetarainoko uretan. Belarra, itotzen. Sigi-sagan ikus zitezkeen iguanen ihesi urduriaren izpi berdeak. Mendiko eskorpioiak zirrituetan gordeta zeuden. "Manflor"68 eta "Cuchucho"69, bitartean, elkarri begira ziren. Almadiak estalpe eta guzti zuen, nahiz eta bijaoak70 –beti blai– erortzeko zorian zelako itxura eman. Hor bizi zen gizona. Bakarrik, mutilzahar. Gaur, ordea, "Manflor" etorri zitzaion. Zertara? Zirikatzera? «Ez: lixiba egitera», zioen berak. —Kaixo, "Cuchucho"; arropa-eskuka hau garbitzea nator… —Ondo zaon. Baina ezin eutsi. Andreak ertz batean utzi zuen lastozko kapera. Antoxintxo batez ura atera eta, makurtuta, garbitzen ari zen. "Cuchucho"k irrikaz beterik jarraitzen zuen gonak, jarrera behartu hartan, ia agerian uzten zuen neska gaztearen gerri-ipurtaldeetako marra. Almadia kirris-karras ari zen. Urek gorantz jarraitzen zuten. Almadia igotzen ari zen, astinduak emanez, urduri balego bezala. Bazuen zerbait garbituta eta ia gizon-gihar itxura zuten beso biribil haiez estutzen ari zen, harik eta krakateko sendoago batek almadiaren zurajea astindu zuen arte. Itzuli egin zen: —Zer tzan? Tramankulua hondora diju, ala? Soroetan, han, oso barreneraino, urak hazita ikusten ziren ezagun zitezkeen enborren erdialdea baino gorago. —Bakarrik gauden… Eta ezin gaitun hemendik atea. —Ta txalupa? —Etzeon txalupaik. Egoeraz oharturik, "Cuchucho"ri begiratu zion. Hura asto-aurpegia! Eta nola begiratzen zion! Zeren asmotan ote zebilen? Mutilak jauzi egin zuen; nola-halako jauzia, salto egiteagatik; izkirak ur ertzean egiten duen bezala: ikusia izatearren. Eskua sorbaldan jarri zion: —Matte haunat, Zoila, matte haunat… —Hik? Ez haiz nitzako gizona… Ez iak barre erain… "Cuchucho"ren ahotsak une hartan doinu gogor eta mingarria hartu zuen: —Matte haunat… ta bestiak, hor konpon… —Ez iak barre erain… Entzuten? * * * Orduan ohartu zen "Cuchucho" neskaren gaitzizenaz; baita hari buruz zebiltzan esamesez ere. Berari maitemina izateagatik "Cuchucho" esaten zioten bezala, neskak ere bazuen bere istorioa… —Bazekinat, bai, zetik… ez dittun gizonak matte; ehori bezalako emakumik bakarrik… Hi talo-pala haiz! —Eta hala balitz e, hiri ze?… Gainera jaurtiko zitzaion. "Manflor" barrez ari zen, urduri… hortz fin eta parekatuen ilara zuria erakutsiz. Bat-batean, kolpe leun bat entzun zen goian. Uren gorakadak taldetik aldendu zuen cabeza e mate71 batek salto egin zuen ontziaren sabaira, ertzeko "mataserranos"72 batetik. Gizonak eta emakumeak, biek, gora begiratu zuten. Katuki txikia irristaka zetorren beherantz, guadúa bati atzaparrez helduta. Behealdeko balsa73 ohol batera iritsi nahi zuen. Ez zuen atsegin sabai karrakari eta mugikorra. —Ikuste uk cabeza e matea? –bota zion neskak aurpegira ahots zorrotzez. —Bai, ta? —Beira. Keinu labur eta seguru batez –bat besterik ez– hartu aihotz bat esekita zegoen habetik eta jaurti zuen. Aihotzaren muturra dardarka hondoratu zen balsa egurrean, eta kolpearen indarraz basakatua harrapatu eta, indarraren indarrez, tximeleta orratzean bezala utzi zuen zintzilik. "Cuchucho"k barrez erantzun zion, arnasa jaurtiz aurpegira: —Ni e naun cabeza e matea… Eta gainera bota zitzaion neskari, gonak jasotzeko ahaleginetan. Borroka egin zuten. Neska sutan zegoen… eta sasoian; mutila, irrikaz… Eta gizonezkoa zen. Lurrera erori ziren biak, borroka bizian. —Maarikatu alena! Eskuaz barnealdea sakatzen sumatzen zuen, haragia eta biloak atximurkatzen. Sorbaldan kosk egin zion. Elastikoa bitsetan zerabilen. Eta jirabiran, ostikada eman zion. Ostiko gogor bat, debekatutako tokian. —Suekumea! Eta une batez utzi egin zuen, berriro gainera jauzi egiteko gogoz. "Manflor"ek eskua eraman zuen sabel minberatura eta atzera egin zuen. Oraindik urak goraka zetozela zirudien. Soroak ureztatuta ikusi zituen urruneraino. —Ordu bitako jatsi en!… Eta urek itzuli bino len, nekin etzanda eongo haiz, alua! Neskak algaraz erantzun zion: —Goazen burnita borrokatzea… Irabazten baiak, hikin geauko nauk gabian… eta hikin lo ingo iat hemen bihar arte… Irabazten baiat, e nauk gehio izurrauko… Nahi duk? —Ina. —Zin in tzak, irabazten baiat e nauala gehio amorraziko! —Gurutze honeatik, beltza. Eta ehorrek e zin in tzan, irabazten bainat, emango dinala gau hontan… —Ina, ala San Jazinto, ne santua -nez… * * * Aihotzek lau kanpaikada jotzerako, marimutilak esteroko uretan galarazi zuen "Cuchucho"ren aihotza. —A! Maarikatua! Hitzemana, ordea, zor. Geldi-geldi geratu zen. Gero aterpean sartu eta hamakan etzan zen. Hitzik esan gabe. Neska ere isilik geratu zen harrezkero… * * * Itsasaldiak behera egin zuen, uren aroko legez. Bideak ageri baino lehen, "Cuchucho"k bagre74 txiki bat erre zuen verde batekin eta neskari eskaini zion. Besteak onartu egin zion eta bekozko ilunez jan zuen, jada desafiorik egin gabe. Amaitu, eta almadiatik atera zen. —Hurren arte… Lur lohitsutan barrena abiatu zen; eguzki galdatan, lurrun epela zerien ertzetan barrena. —Hurren arte! Hurren arte! Ongi zekien "Cuchucho"k ez zela itzuliko. Halako emakumeek gorroto baitzituzten gizonak eta halakoekiko harremanak. "Manflor" zen… "Cuchucho" bere gauzak txukuntzen hasi zen. Hurrengo egunean Guayaquilera joango zen. Almadia lur gainean zetzan orain, lohizko ohatze gainean: hain zegoen hutsa esteroa orain. Lur azalean ildaska bat ikusten zen: lohiz betetako zauria –lurraren haragiaren zornea–, hondoan ur lohituzko haritxoa zeriona… 1930 BASA ANDEREA Basa Anderea! Ezagutzeko irrikaz bizi zen Viviña. Iseka egiten zien hari buruzko istorio guztiei; ez zuen bat bera sinesten. Istorio horrek, ordea, sentsualitate tentagarrien erakarmena zuen. Izan ere, Basa Andereak gizonak harrapatzen omen. Mendira eramaten zituen. Senartzat hartzeko. Beste ipuinak deus ez ziren: zela burugabetuarena edota ehun txiten oiloarena edota deabruaren haizetearena. Ba! Ez zien beldurrik hildakoei. Bizidunei zegokienez, berriz, probatuta zituen. Toribiorekin aihotzez borrokatu zenean. Chaba-ren zapi batengatik. Saihets-hezurrak puskatu zizkion eta «Atxilotu! Atxilotu!» oihuka ari ziren guztien aurrean, odolbildutan zen xafla beltza miazkatu zuen. Ezer egitekorik ez, eta hara-hona ibiltzen zen. Mendira joateko ohitura zuen, lotara. Eta Güerta Marditara joaten zen. Bost axola, han, bere emazte eta seme-alabekin batera lurperatuta zegoen beltzari eman zion tormentua: berak hil zituen denak. Gauez handik zebiltzanek esaten zuten lurpetik negar-zotinak ateratzen entzuten zirela. Viviñak haizearen eta aihotzaren txistua baino ez zuen entzuten, adar zaharrak eta platano-zuhaixka lehorrak botatzean. Edota congak75, adar ustelduetan zuloak egitean. Eta gaua, bere bidea egitean. * * * Baina hainbeste entzun zuen Basa Andereaz… Gizaseme ausart askok aitortu zioten: —Animo gehio banu… Alafede jungo ninuala bila… Haren zertzeladak ematean, beldur- eta lizunkeria-hitzak nahasiz egiten zuten: —Ona zeok, horratio! Begiekin diz-diz ite omen dik, tigriak bino areo. Ta a ze bular puska! Ta iletsua uk, oso. Bino haren eskutan eortze an kristaua ez duk berriro herrira bueltauko. Ta ezinezkoa uk haren arrasto atzetik jutia: hankak birauta izkik atzekoz aurrera… Viviñak barre egiten zuen barnez eta erantzuten zuen: —Ongi zeok. * * * Eta egun batez mendira atera zen. Erosi zituen cabuyazko mendi-oinetakoak. Lotu zuen cruceritoa76. Eta gora jo zuen, amaigabeko baratzeen bidetik. Zeharkatu zituen sabanak eta bejuco-sailak. Inguratu zituen azken etxaldeak. Hiru egun egin zituen frutak, katamixarrak eta untxiak janez eta ibaietako hondar-urak edanez. Zuhaitz garaietan lo egiten zuen, hankak zangalatrau lotuta. Hautsiko ez ziren adarren bila ibiltzen zen, loaren erdian ez lurrera erortzeko. Basa Anderearen mende zuen gogoa. Haren bila zebilen egunez, urduri, sastraka itxien atzean begiratuz. Edota higuerón77 erraldoien enbor-zuloetan gordetzen ote zen. Bi aldiz egin zuen gauez harekin amets. Iletsua eta lizuna irudikatzen zuen; eta, gihar ilunengatik, figueroaren egur gorriztaren antzekoa. Hain izan zen bizia ametsa, esnatzean –horretan bere betiko irri-jarrera apur bat jarriz–, bakarka zirri egiten jardun zuen. —Hau dek hau! ; zutitu in tzaidak. Ze ingo ote likek Basa Anderiak holako puska trabatuta? Zoratu beharrean aritu zen. Eskailerapean gordetzen zenean bezala, arreben gonapeen zelatan egoteko. Mukitsua zela. Zuhaitzak dar-dar egin zuen. Viviñak bazihoala sentitu zuen une berean –“Azken batin, ia emakumik ite iatenaren pareko uk…”–, hontz batek ulu egin zuen. Buruaz gaindi, goiko hostoen artean. * * * Laugarren egunean ibai bat zeharkatu zuen. “Rio Verde”… pentsatu zuen. Udan erreten bat, besterik ez. Neguan gainez egin ohi zuen. Orain erdi betea zegoen ur lohitsuz. Bits kirasduneko azal batez estalia. Mendia beste ertzean altxatzen zen. Bejucoa eta bejucoa. Haiek arboladiak! Eta azpian, isilpe beltza. Ibilia zen noizbait handik zehar, egurra ateratzen. Baina ez orain bezala, hots, beste inor gabe, bakarrik. Orain sekulako baso itxia iruditu zitzaion. Ez zion sartzeko gogo handirik ematen. —Ia hor dan Basa Anderia! Eta han geratu zen Rio Verderen ertzean. Bizitza osoan oroituko zen paraje hartan eserita igaro zuen arratsaldeaz. Enbor erori batean eserita. Hondartza txiki batean. Isilpe hark beldurra eragin zion. Nork zekien zer ezkutatzen zuen baso itxi erraldoi haren erabateko soseguak… Jendea, hain urrun. Ur berdea, etzanda, beso-zabal. Mirari hartara egokitu beharko zuen… edo erotuko zen. Norekin hitz egin? * * * Gauerdian tigrearen orroa entzun zuen. Piztiak usaina hartu zion. Viviñak ere usnatu zuen. Apo-, zakur hazteritsu-, txiza usteldu-… kiratsa. Besteren etxean, zalapartarik ez. Eta han geratu zen, geldi-geldi. Hitzik gabe. Mihia, lehor. Ahosabaia, gazi. Enbor anitzeko matapalo78 hura lodia zen eta hostoak, marmartiak. Agian horregatik atera zen onik. Tigreak aski izan zuen tximino batekin. Tximu altu-altu bat, Viviña baino beherago kuzkurtuta zegoena. Beltz baten gisako tximua zen; bizar dardaratikoa; beldurraren beldurrez, umeen antzera intzirika ari zen. Tigreak salto egin zuen. Adarrak apurtu zituen bere gorputzarraz. Chumbotea79 edo astoa bezain handia iruditu zitzaion. Egunsentian ezagutu ez zituen txori-oihuek esnatu zuten. Mendiari beldur izaten hasi zen. Argitu zuenean, lurrera jaitsi zen edatera. Nazka eman zion ur lohitsuak. Baina besterik ez zegoen. Eta beldurrak egarritu egiten du! Eta Basa Anderea? Deus ez. Gero eta garbiago ikusten zuen ipuina besterik ez zela guztia. Aihotz-kolpeka apurtu zuen bejucoa. Nekatu zen arte. Beldurrez zapaltzen zituen hostoak: «ez al duk rabo e güeso bat eongo…». Biderik ireki gabe joko zuen aurrera. Bere gorputz arina irristaraziz bakarrik. Landarezko sare korapilatsuen artetik. Gosaritako, belar gustuko zapoteak80 jan zituen. Bazkaltzeko, guabak81 eta caugeak82. Eguerdian, makilakada batez, armadilo bat akabatu zuen. Sua egin eta oskolean bertan erre zuen. Aurrekoa bezalako beste gaurik ez zuela egingo erabaki zuen, tigrearen mainen arriskupean. Sua piztu eta ernai igaroko zuen gaua. * * * Nola lokartu zen lurrean? Ezagutzen ez zituen zuhaitz haien hostailapean sortzen zen basa-usainak eraginda? Nekea izan zen? Lurrean etzanda zegoen. Enbor bat gehiago zirudien. Erroak hautsita. Ahoz gora etzana, hosto ihartuen artean: geldi… Eta esnatzean… Basa Anderea! Besoak. A zer nolako besoak: sendoak eta bigunak une berean; kautxuzkoak bezala. Eta ahoa. Cauge zurrupatzaile eta lirdingatsua, kemenez miazkatu eta bat-batean geratzen zena. Laga egin zion. Pipitarik gabeko halako guanábana83 baten mami gozoaren parekoa zirudien. Eta gainean, zama. Ohartzen ari zen pixkana. Bularrak –egia zen ziotena!– biribilak eta epelak zituen. Herrian hazi eta bere egin zuen longa batenak gogoratu zizkion. Ahoz gora zegoela ohartu zen. Gerrialdea higuerón baten zainetan jarrita. Eta sabel hura, mugitzen. Eta iztermami haien erdialdetik zetorkion, suge-irritsez inguraturik, sentipen xurgatzaile eta latz hura. Eta etorriz zetorkion amodioaren zorabioa. Eta, bera zenaren erpin dardarakoian min eta gozamena emanez, unetik unera ugariagoak eta basatiagoak ziren laztan haien erdian, zer zen sentitzen zuena? A! Zergatik? Beso maitale haiek lepoa estutzen ari zitzaizkion. Itotzen ari zen. Begien aurrean zeuzkan une oro “haren” bi begiak, beltzak eta suzko argiz beteak. Orain, larriminen erdian, urratzen eta desagertzen ikusi zituen… estutuan. —Ez. Zori… Ez. Hitzak ez zitzaizkion atera. Mailukadak balira bezala, kalakan ari zitzaizkion burmuinean. Ez zen gehiago babestu. Anderea gainean, epel, inguratzen ari zitzaion. Ehunduz zihoakion, besoz eta zangoz. Mendien zukua, musu haien bidez, sartzen ari zitzaion bere baitara. Den-dena lauso, nahasi egin zitzaion. Dena… bere baitan burrunbaka zebilkion, hitz zabal eta amaigabe hura izan ezik: —Basa Anderea! 1930 BIKOTE BITXIA Angel F. Rojasentzat84 1 Mutikoak, jakin-minez: —Andrea, berorrek ere ez du familiarik? —Bakarrik nago munduan, senar zenak utzi ninduenetik. Eta zu? —Berdin. Isilik geratu ziren une batez. Harrobiko lur gorrixka su-galdatan zegoen, hauts egina, idorra. Apatx eginda zeuden lurrean. Ondoan, xehatu ahala, «bi» zenbakiko harri nabar piloa, apurka-apurka, gero eta haziago ikusten zen. 2 Lanean hasi eta apur batera izan zen. Nor bere aldetik ari zen izerditan. Airea erabat kutsatzen zuen hauts fina azalean itsatsi eta masa egiten zitzaien lepoaldean, aurpegian. Mutikoak begiak babesteko zituen betaurreko beltz haiek burezur itxura zemaioten aurpegiari. —Nolatan pikatzen duzu betaurrekorik gabe? Begibakar gera zintezke… —Ez dut erostekorik… Mailuen kolpera, harriak kristalezkoak balira bezala entzuten ziren. Han behean, hesi inguruan, birringailu mekanikoa bere estalpean orroka hasi berria zen. Mutikoa ohartu zen emakumeak zornezko malko hori bana zituela begi-ertzetan eta jantziaren besaldeaz xukatzen zituela noizbehinka. 3 Hain hurbil zeudenez, solasean jarraitu zuten. —Ez dugu deus aurreratzen. —Noizko uste, izango dela zure metroa? —Etziko. —Ordaindu, berriz, sucrea eta hogei semaiko besterik ez dute ordaintzen! Egunaren argiak kolore guztietako islak ateratzen zituen dinamitak, pikotxak eta aitzurrak kosk egindako harri bizizko hormetan: harri-txintxar nabarra, harzuria, gorria, urdin nabarra, zerroduna… azala kendutako gihar baten zuntzak. Malba gorriak loratzen ari ziren langilerik ez zebilen bazterretan. Harrobi bihurtu zuten ebaketa erraldoiaren gainaldean haizeak algarroboen adats basatia harrotzen zuen. Emakumea izan zen iradoki zuena: —Bion pilatxoak metatuko bagenitu, gaur bertan kobratuko genituzke sucrea eta hogei semaikoak. —Elkar ditzagun. Erdi bana, bai? —Erdi bana. Inguruan botata eta mutikoak jaso zuen aitzur bat baliatuz bultza zituzten bi piloak, bakar handi batean elkartu arte. 4 —Zein da zure grazia? —Benito —Benito zer? —Ez dakit. Eta zurea? —Juana Soto —A! Beroa itotzerainokoa zen, zerupe urdin hartako aire zabalean. Zenbat kostatzen zen harri-ale bakoitza egitea! Denbora zeraman. Mailuaz jo bete-betean eta harri handiak birrindu eta neurri bertsukoak egiten zituen: «bi» zenbakiko neurriko hartxintxarra, alegia. Gero eskua luzatzen zuten, beste bat hartzeko. Oinarri-harri pila zegoen inguruan. —Eta eskerrak, harri hau zuria den: gogorragoa da urdina. —Bada areago oraindik, granitozkoa… 5 Benitok begia jarri zion berriro emakume harri-jotzaileari. Soineko zarpail bat janzten zuen koipez ilundua. Aurrez aurre zuenez, mailuari emateko makurtzen zenean, bular argal eroriak ikusten zizkion eskote artetik. Aurpegiak, zurbila izan arren, edertasun-zantzu batzuk erakusten zituen. Baina begi haiek! —Zergatik dituzu gaixo begiak? Juanak besaldea pasa zuen aurpegitik eta bizkor garbitu zituen. —Harri-hautsagatik. Betaurrekorik ez dudalako… Birringailuaren zurrungak bete zuen isilunea. Ongi bereizirik nabari zitezkeen, itzelezko arnasestu haren baitan, bai "diesel"aren burrunba, bai eta borraren kolpe zakarra ere, ahora botatzen zizkioten harrien kontra. Tarteka isildu egiten zen, gehiegizko xehatze baten ondoren, hortzak baldartu egiten zitzaizkiolako eta garbitu egin behar izaten zizkioten. Haize leunaren firfirak, halakoetan, harrobiraino ekartzen zuen Guayaquilen zurrumurru-hotsa. 6 —Hiria harriztatzera omen doaz: lan ugari izango da hemen, harrobietan; kamioiak etorriko dira. —Aspalditik ari dira gauza bera esaten. —Oraingoan egia da: ugazabari esan diote. —Baina, mutikoa, lan asko izango dela uste duzu? Gehienez ere, erdigunea konponduko dute eta kito. Eta horretarako, apur batekin nahikoa! Eta dena balitz ere: ez zu eta ez ni ez gara aterako irabazten… —La Proveedorak85 jo du. Goazen. —Bai. Langileak itzultzen ari ziren mendi-lepoetatik behera: zulatzaileak, barratzaileak, aitzurtzaileak… Harago harri-pikaketan ari ziren beste emakume eta mutikoak ere altxatu ziren. Makina isildu egin zen. Haizea nondik, alde beretik hazi edo eteten zen hiriaren zurrumurrua ere. 7 —Goazen. —Ez. —Zergatik ez? —Hemen ez dute ixten otordu garaian. Ez dut zer janik … zertarako atera? Eguerdiko eguzkiak izpi eta lamadaz lehertzerainoko labe bihurtzen zuen Santa Ana muinoan irekitako zulotzarra. Sarraskijale bat hegan igaro zen gainaldeko algarroboetarantz: sabai erabat urdin hartako beltzune bakarra. Biak izerdi-patsetan eta nekatuta zeuden. Aurpegiak hautsez beteta zituzten. Juanak samur-keinu bat izan zuen mutiko gizajoarekiko. —Zatoz: erreal bat daukat eta guineoak86 jango ditugu. Atera ziren. 8 Eguerdiko ordu beroen joan-etorri eroa. Besteekin batera itzuli ziren lanera. Makina bere etengabeko zurrungan hasi zen. Gizon-emakumeak inguruan, aztoratuta, txotxongiloak balira bezala. Ezjakinean. Zergatik harat-honat hori? Zer ote, halako jardun behar hura? Ez zuten batak besteari deus esateko. Goizetan oso bestela izan ohi zen, oraindik zabaltzeke zenean lamada-olatu lo eragile hura. Gauza bakarra zuten buruan: mailuaz jo, etsi gabe, harriak, harriak, harriak… —Metroa… —Metroa, arratsaldean afaldu ahal izateko. Itolarri-sentipen sorgorra darie langile guztiei, gandua lurrari, gizakumeei, gauzei… bezala. Gurdi bat kili-kolo zetorren, kargaz ongi zamatuta muinoko gorabeheretan. Tiraka zen zamariak eginahaletan zituen gihar guztiak. Orgariaren ahots gordina burrunbaka entzuten zen, akuilua astindu eta eztenaz idien bizkarraldea urratzen zuen bakoitzean. —Arre! Arre mandooo! Arree, putakumiaaa! Kanpoaldean, urrun eta ia etetear, litxarrero baten ahotsa, oihuka: —Cocadaa87, melcochaa!88… 9 —Han duzu metroa, nausi. Ez da larunbata, baina zerbait eman baliezaguke… —Bai. Nola ez ba? Eta zein ederki elkartzen zineten, lanerako. Etorri bulegora. Aireak hozkirri-ukituz jotzen zuen jada. Mandoak bazka jaten, asketan. Aurrera bota dieten janeiroari89 lurrin-gozoa dario. Alai atera dira: gorputz osoa minbera dute; eskuetako babak, handituta, sutan. Poltsikoan txilinka ari zaizkie sei errealak. Plater bat salda, patata-ale batzuk igeri, barren ilunean arroz-hondarra zuela. Taberna gainezka zegoen. Elkarrekin jan eta atera ziren. Benito txapela buruan jartzen ari zen. Bazuen zer esatekorik egun hartako lagun berriari. Hirira bidean zihoazen ilunabarrean, hautsez betetako bideetan barna. Saladoak90 urrezko sua zirudien. Atzean utzi ahala, arratsalde bare hartako ur geldoa itzaltzen ari zen. Choloen txaboletan sutondoetako printzak ikusten ziren iluntze jaioberrian nabarmentzen. Kanaberazko auzoaren behealdean, bertara iristen zen Esteroaren itsasaldiak buztinezko ohatze bat egin zuen; igelak kantatzen hasi nahian zebiltzan. 10 —Aizu. —Zer? Ez zuen aurrera egin. Bat-batean nola-halako aztoramenak egin zion gainez mutikoari. Bere burua, gizon nabaritu zuen eta laguna, emakume. Udako gauaren hozkirritan gorputz epelaren aiduru zen. Emakumearen zantzuak hobetuta nabarmentzen ziren argi-itzal more hartan. Aurpegira begiratzean, begiak garbi eta ahoa gozo ikusi zizkion. Beldur zen nahi zuena eskatzeko. Juanak berriro: —Zer zenion? —Ez dut nora joanik lotara… —Hara! Oraindik mutikoa zara. Etorri nire gelara. —Ez. Jendea marmarrean hasiko litzateke. Jada handia naiz… Juana erdi-barreka hasi zen. —Nekatuta nago! Utzi lelokeriak. Tira. Mutikoa zara oraindik. Zatoz. Benitori burura etorri zitzaizkion kaiko bere zokoa: kolpeka kaleratu ohi zuten nasa-bazterra; baita noizbehinka babes bila joan ohi zen Quinta Parejako91 kalezulo iluneko zokoak ere; edota beti kanporatu ohi zuten Las Bombas92. Juanak gezurra asmatu zuen mutikoak gonbita onar zezan: —Arropa-garbiketan ibiltzen den emakume batekin bizi naiz. —Eta zeuk ere zergatik ez duzu lan hori egiten? Emakumeak, burua eguzkitatik babestearren lanerako janzten zuen zapia kendu zuen. —Nire difuntua barraz aritzen zen harrobi honetan. Elkarrekin lan egiten genuen. Ikasita nago. Eta sartu ziren. 11 Eta hala egin zuten harrezkero. Benitok hamahiru urte zituen; Juanak, hogeita zortzi, lanaren nekeengatik gehiagoren itxura ematen bazuen ere. Elkarrekin lan egiten zuten eta elkarrekin zeramaten bizitzaren zama. Inork ez zekien zein zen elkartzera eraman zituen harremana. Auzoko taberna aurretik, elkar lagunduz igarotzen ikustean, Marujak –tabernariak– zera zioen marmarrean: —Juana hau baino ustelagorik… ez zuen, bada, mukizu hori baino topatu behar bizitzeko… Tamarindozko93 freskagarria edaten ari zen gidari batek kalera zuzendu zuen ozenki ahotsa, bere kamioi aldera: —Ez iezadazu jo turuta, ofiziala, bateriarik gabe utziko nauzu-eta! Ez jotzeko, arraioa! Eta ahotsa jaitsiz: —Ez uste, Maruja, –esan zion– gizonok zakurrak gaitun; hobeak ditun mutikoak. Eta batez ere, zer arraio!, bata eta bestea goseak zitunan. GERRA Henry Barbusserentzat94 Umea arnasestuka zetorren. —Osaba, osaba, begira zein ederki ari garen jolasean! Apirileko eguzki zuriak eztiro epeltzen zuen haizeaz gozatu nahirik, gizonak, zelaira zabaltzen zen leiho ondoan eserita, haurraren bekoki izerditua xukatu zuen. —Eta zertan jolastu zara? —Ba… gerratan jolastu naiz Mauricio eta Georekin. Umeak gerratan jolasten! Eta hori, haurretako bati armistizioa baino egun batzuk lehenago aita hil ziotela! eta bestearena hanka bat gutxiagoz etorri zela! Nolanahi ere, gerratan jolasten ari ziren. Haientzat jolasa zen. Gerrak zauritutakoak izaki, ez ziren, halere, ohartzen. —Zori oneko txoriburuak! –pentsatu zuen gizonak, umeari ilea laztantzen zion bitartean. Gerra! Ondotxo zekien berak zer zen. Bizirik atera zen hartatik, hala esan bazitekeen, frontean hogei hilabete egin ondoren. Gasak harrapatu zuen. Gasaren hozkadak birikak jan zizkion. Laster baterako diagnostikatu zioten azkena. Horixe geratzen zitzaion bizikizun. Ezkutatu egin zioten tuberkulosiak jota zegoela. Baina ordaintzen zioten %100ak argi erakusten zion guztia. Hilabete batzuk, urtebete edo, gehienik ere, bi urte zituen…, osasuntsuek baliatzen ikasi ez zuten bizitza hain eder, hain gozo honetan. Temati errepikatzen dugun bezala, oinazez eta doluz baino iruten ez den bizitza honetan. Gizakia esker gaiztokoa eta oharkabea da. Ez da ederraz jabetzen eta ez daki bizitzearen eguneroko mirariak duen ona dastatzen. Unetik unera berritzen den odolaren miraria. Bata bestearen jarraian, nork bere gozoa ekarriz, etorri datorren urtaroaren miraria. Gizakiak kexu izaten dira, arrazoirik gabe bada ere, eta egonean egonez bizi dira… Beste garai batean, aurreko umeek bezala, ez zatekeen ulertzeko gai izango eta, kidekoen antzera, ume eta txoriburu izaten jarraituko zukeen… baldin eta osasunari eutsi balio. Hurbilduz zetorkion azkenaren berri izan zuenez gero, bakardadean ahogozatzen zituen orduen bilbea josten duten milaka distirak. Dena da eder. Bizitzea da dohainik behinena. Eta hor non garaiz aurretik kenduko zioten besteek jaramon egiten ez zioten dohaina. Horrelakorik ez pentsatzen saiatzen zen. Unean uneko minutuaren mozkorretan murgildu nahi zuen. —Azkena ote? Ala azken aurrekoa? Zertan alferrik galdu bere bizi-hondarrak larritzen eta aieneka? «Laster hilko nauk. Bego. Idatzia nian, ezbairik gabe!». Noraino zegoen, ordea, idatzita gizakiaren patuan batak bestea hil behar zuela? Onartu egin zuten. Halabeharrak, hala, ez zuen haien gain ezertan esku hartuko. Milioika izan ziren, hainbat herrialdetan barna, beren burua eskaintzea onartu zutenak. Eta itsukeriari, koldarkeriaz osaturik, «halabehar» deitzen zioten! Berriro hasita ere, gertaerak, bide beretik joango ziren beste behin. Izan ere, ahulezia deitzen zaio gizon-emakumeon ariman gehien agintzen duen legea onartzeari. Onik atera zirenek, gudulari ohiak izateaz harro, zabarkeriarako joera eta ohitura berekoiak ekarri zituzten leize-zuloan egindako urte luzeetatik. Gerrarako interesa zutenak, lozorro horri esker, gerraz mintzo ziren berriro. Aurreko talka erabaki zuten harroputzak beste bat pizteko gosez ageri ziren. Eta utzi egiten zitzaien esaten gerra ez zela azkeneraino eraman, garaituei garaipena sentiarazi behar zitzaiela! Eta gure gaixoak begietan jarri zituen eskuak, ikuskizun penagarri bati ihes egin nahiez-edo. Eraman ezinezkoa egiten zitzaion beste sarraski bat irudikatzea. Arima apurtzen zion. Bera, ordea, ez zen berriro joango. Ez zen joango, jota zegoelako. A zeinen eroak, azken gerra zelakoan, ondoren betiko bakea nagusituko zela uste zutenak! Berriz ere gerraz hitz egiten ari ziren eta diru-eskasiak bakarrik eragozten zien erokeria hari berriro ekitea. "Heroien" semeok, beraz, gerra noiz etorriko zain, epopeiatan jolasten ziren. Gizonak negarrari eman zion. Negarrez ari zen, ezin zuelako salatu lozorroan zeudenek bizi zuten arriskua; dolu zen alferrik galdu zuen biziagatik. Alferrik jasan eta eraman zituen min izugarriok, hiru egunez bi ohean botata, sukarrak janda, odol-karkaxa zeriola… Alferrik! Mutikoa, ordea, aspertu egiten zen. Osabari han zela adierazi nahiez, eskutxoa jarri zuen zaurituaren belaunetan. —Osaba, triste zaude? Lehen unean, osabak ez zion erantzun. Lotsa pixka bat sortu zitzaion, gailentzen utzi ziolako tristurari. Gero malkoek estaltzen zuten aurpegitik aldendu zituen bere esku meheak… —Txiki… Eztul-kolpe bortitz batek astindu zuen gizonaren gorputz ahula. Aurpegia begiztatu zuen ispiluan, odol-gorriturik eta ubelduta; eta izutu egin zen. —Lehertu behar diat! –esan zuen ahopean. Hego-astintze eroa, hondar astinduen antzeko hotsa ateratzen zen saihets arteko kaiola hondatu hartatik. Mutikoak, beldurrez, atzera egin zuen eta ez zen gehiago mugitu. Baretu zitzaion, azkenean, eztula. Eraman zuen mukizapia ahora eta odolbilduz zikindu zuen. Burugabekeriazko keinua egin zuen, orduan, beranduegi gaitzetsi bazuen ere. Bat-bateko mugimendua izan zen. Mukizapi gorrixkatua erakutsi zion mutikoari. —Hauxe da gerra! –esan zion. —Gerra odola da! –bota zuen haurrak, harrituta. —Bai. Malkoak, emeki, masail meheetatik behera zetozkion. —Negarrez ari zara? —Negarra eragiten dit zuretzat dibertigarri denak. —Gerrak? —Bai. Eta berriro berotu zen. Gerra –azaldu zion– hanka gabe etorri den Mauricioren aita da, aitarik ez duen Geo txikia da; gerrak du etxekonekoaren semea itsu egotearen errua; baita sendiak hondamendian uzten dituen milaka eta milioika zorigaitzena ere. —Orduan… Ez genuke gerratan jolastu behar? –galdetu zuen haurrak, ulertu nahian. —Hala da. Eta mutikoak luze jardun zuen hausnarrean. Gizonak arretaz begiratzen zion, buru txiki hartan gertatzen zenaz jabetu nahian. Mutikoak, azkenean, kanporatu zuen: —Baina nik beste zerbaitetan jolas egin nahiko banu, ez luke inork nirekin jolastu nahiko! Bihotzaren oihua! Erantzun nahiko ziokeen zaurituak, baina burua astun zuen: ez zituen hitz egokiak aurkitzen. Mutikoa, beraz, are gehiago jolastuko zen gerratan, besteak, hala ezean –adierazi zion xalotasun osoz–, ez zirelako berarekin jolastuko. Geroago, gerra baletor, mutikoa, jada gizon eginda, hara joango zen, kidekoen gaitzespena ez jasatearren. —Ai! Eta zer egin? Zer egin zezakeen berak? Hain zegoen gaixo eta hain da zaila haurren bihotzetan ere esnatzen den piztia-senaren aurka joatea! Une batez biak isilik geratu ziren. Krisialdiak nekatu egin zuen gizona. Lur jota zegoen. Bart ezin izan zuen lorik hartu. Orain, loaren premiak petraltzen zuen. Nekeari aurre egiten saiatu zen, baina bera baino indartsuagoa zen. —Ea bada, txiki, zoaz jolasera; nik lo egingo dut –amaitu zuen. Haurrak musu eman zion eta joan egin zen. * * * Bide bazterrean, haurrak jolasean. Zaurituaren belarrietaraino datoz oihuak eta hotsak. Nahiaren nahiaz oraindik esna eustea lortu du une batzuez. Gurasoen egiteko astuna darabil buruan: gurasoek sumatzen ez duten edota aurrez aurre begiratu nahi ez duten egitekoa. A! errudunak dira… Zaratak hurreratuz doazkio. Haurrak alboko zelaian ari dira saltoka. Dagoen tokitik ikus ditzake haien maniobrak. Iloba sumatu du tropel zaratatsu haren erdian. —Erne! –oihu egin du ahots mehe batek– Kontuz, han daude-eta gaiztoak! Hiru umeek salto egin dute zulotik. Are eta garrasi handiagoak egiten dituzte. Zaurituak ez ditu jada entzuten. Aulkiaren besoan burua ipinita, lo ari da. Goizeko eguzkiak margo berriz apaintzen dio aurpegi zurbila. AHOTZARRA Motorrak zurrunga egin zuen eta, zulo batekin estropezu egin ondoren, ate nagusia zeharkatu zuen autoak. Ia ilun zen. Atea zarataz itxi eta salto batez jaitsi zen autotik. —Vélez jauna? Arduradun-lanetan aritzen zen cholo batek erantzun zion: —Ontxe eituko. Beendatzen ai da. —Utzi. Banoa Oraindik laneko burrunba entzuten zen harrobian. Birringailuak lurra dardaraka zerabilen. Pikoxkada ugari entzuten zen metal-soinuzko kolpeak ematen: berrogei peoi ari ziren lanean, muinoaren sabelean irekitako lubakiaren oinetan, gerriz gora biluzik, altxa eta makurtu, izerdiz blai zituzten gorputzak. Bi kamioi hartxintxar-karga hartzen ari ziren. Arellanoren nahiak bete ahalko ziren. Vélezek, hori bai, aparteko orduak ordaindu beharko zituen. Baina berak itxura ona emango zuen gringoen aurrean. Galtzada harriztatzeko lan-gaia hornitzen zuten kontratisten artean onena zela erakutsiko zien. —Vélez adiskidea. —A!, Arellano jauna. Unetxo bat. Banoa. Afaltzen ari zen familiarekin, etxetxoaren atzealdeko korridorean. Teilaz eta kanaberaz egina zen; ate nagusitik gertu jasoa. Arellanok igo nahiko zukeen, Vélezen alabengana hurreratzearren, baina harrobi-jabeak asmoak ezagutu zizkion eta aurrea hartu eta harengana jaitsi zen. —Zertan lagun zaitzaket, nire lagun zaharra? Eskua ematen zion une berean, irribarrerik adeitsuena erakutsiz, buruaz agur egin zion goian agertu zen Vélezen alabetako bati. Arratsaldeko haizeak zurrunbiloak sortzen zituen, sudur-ahotan harri-hautsaren ahogozo lakarra utziz. * * * Hiriaren hegoaldean, kanalizatze-lanetako estolda nagusian, ponpa hondatu zen eta ur-parrastada izugarri batek lohiz betetzen zuen zulotzarra: ura, gorri-horia eta lodia, minututik minutura igotzen ari zen oholezko zoladura artetik eta arriskuan jartzen zuen zulo-sare osoa. Telefono-txirrina jauzika zuen. Zenck sutan jartzen zen idazmahai gaineko telefonoaren jardun etengabea zela-eta. Egun osoan deika ari zitzaizkion. 1. etxartetik, 2.etik, 5.etik, biltegitik, kudeatzailearen bulegotik, kontularitzatik, edo al zekien nondik! Hartu zuen entzungailua. —Hiltegiko atala? Ongi, bai. Zer diozu? —… —Ehun metro? Ordu honetan? Ezinezkoa. —… —Eta zer dela-eta utzi dute horrelakorik gertatzen? Ardura langile-zainarena da eta taimquiper95-arena. —… —Eskatuko diot kontratistari. Txao. Lan-maisua Arellanoren aurpegi irribarretsuaz eta urrezko hortzaz oroitu zen bat-batean. Kontratista azkarrena, adeitsuena eta eraginkorrena zen, zalantzarik gabe. Eta maitea zuten konpainia osoan. Deabrua bezala sartu ohi zen bazter guztietan. Sarritan, ordainketa-egunetan, peoi cholo eta beltzen artetik igaro ohi zen autoz, Harrison kudeatzaile ingelesa ondoan zuela. Zenck-ek adeitasunaren eta komenentziaren alde egin zuen. Telefono-deia egin eta zera eskatu zion: —Ehun metro kubiko harri gaueko hamabiak bitartean hiltegiko estolda nagusira. Hirurogei, oinarria; hogeita hamar, bat eta bi; eta hamar, tximistarria. Arellanok erantzun zion: —Berehala. Ehuneko hogeita hamarren errekargua. Eta… badut neska haietaz zer kontaturik; elkartuko al gara bihar, hitz egiteko? —Ongi; baina orain ez huts egin. * * * Autoa triki-trakaka zihoan, gure gizona harat-honat astinduz. Kaleak lokatza besterik ez ziren, hartxintxarrez doi-doi estaliak kamioiak pasa zitezen. Ezinbestekoa zen aspaldidanik zolatzea. Eta orain baino ez ziren hasi. Quiton, baina, –zioen berekiko Arellanok– noiztik zeukaten! Ez zen, ordea, mendialdekoengatik.96 Kostaldekoak97 ziren errudunak, dena utzi egiten zutelako eramaten; itsasadarra baino ez zitzaien falta eramatea! Hiriaren erdigunean –zortzi kale bider zortzi– oraindik irauten zuen kolonia-aroko adokin-zolak. Buztinezko lur lau eta bigun haietan oso zaila zen ubideak eta zoladura egitea, bi metro zulatu orduko ura azaltzen baitzen. Baina Arellano gustura bizi zen batera eta bestera, zarata eta jendetza artean, hiriaren barren lohitsu, berdexka eta labaina erakusten zuten erretenez jositako kaleetan barrena. Beheko hondoan aritzen ziren leher egin arte, egunsentitik gaueraino, langile-kuadrillak. Kontratistaren autoa igarotzean, gorantz egiten zuten zipriztinez betetako aurpegi lokaztuek, palakada bat eta bestearen artean: —Hoi duk oilarra, hoi! —Horrek bai, neoziyuak! Oingontan aberastuko uk. —Gringoen kuttuna, —Harrison-ekin eate ik. Ez zituen entzuten txutxu-mutxuak. Albait ondoen eserita joan ohi zen, autoaren astinduei aurre egiteko. Apur bat berandu izan arren harrobira iristean, nagusiarekin ari zen solasean etxetxoaren atarian. Irribarre egiten zion, urrezko hortz tentagarria erakutsiz. Bizkarrekoak ere ematen zizkion. Besotik heldu eta alde batera eraman zuen, isilpeko handiren bat esan nahiko balio bezala, ahots konbentzigarrienaz mintzo zitzaion bitartean: —Zuk ahal duzu, nire Vélez maitea. Industri gizon gaztea zara, eraginkorra; lantalde bikaina duzu, langile ezin hobeak eta, batez ere, Karmengo muinoan den harrobirik onena. Horregatik etorri naiz zurera eta ez, Rosalesengana. Ezker besoa luzatu zuen jakaren besoari tiratzen zion bitartean, agerian uzteko eskumutur iletsua lotzen zion urrezko esku-erlojua. —Seiak bost gutxi. Erabakia hartu behar duzu. Oraintxe, jendea altxa eta joan baino lehen. Sei ordu dituzu. —Baina, kontura zaitez: ez dut stock-ik harrobian, eskatzen didazunerako. Gutxienez eztanda pare bat egin beharko genuke. —Ba egin. Zulorik bai eginda? —Bai, baina euria dator eta kargatu gabe daude. —Horregatik ba, euria egin aurretik. Solaskidearen aldera egin zuen, begi ia magnetikoz begiratzeko: —Badakizu; ehuneko bost, metro bakoitzeko. Vélezen alaba zaharrena Arellanori begira-begira zegokion korridoreko barandatik. Gustuko zuen. Egia, bizimodu onak gehitxo gizendu zuela eta oso estua zuela brillantinaz leundutako ile kizkurrek mugatzen zuten bekokia, nahiz eta, pintzaz depilatuz, soilguneak zabaltzen saiatu. Egia, ezkondua zela gizona… Neskaren ‘zaharra’, berriz, oso jeloskorra. Oso noizbehinka baino ez zien uzten alabei erdialdera joaten. Auzoa leku bazterrean zegoen. Choloak baino ez zituzten ikusten. Eta zer esan, banantzen direla dioten guztiez, berriz ezkontzeko? Neskak ikusminez jarraitzen zion gizonari, egiten zituen keinu adierazkorretan. Hartu zuen jada erabakia: —Ahaleginduko gara. —Hori ez da zuri dagokizun hitza, nire Vélez estimatua. Gu hitzekoak gara. Ahalegindu bakarrik ez, egin egingo dugu. Nahi duzu? Vélez zuri-gorrizta zen. Are gorriago jarri zen, zimurtu zuen bibotetxoa eta jaso zituen zerura begiak. Zerua jarri nahi zuen lekuko… edo eguratsari so egin. Hodei beltzak altxatzen ziren lubakiaren gainetik. Argitasun horia jausten zen hautsez betetako harrobiaren zirkuluerdira; harri bizi berotan irekitako zoru eta paretek labe-lamada botatzen zuten. Gertuko Saladoaren eta, etorri, bazetorren zaparradaren usaina arnas zitekeen. Barralarien, aitzurlarien, harri-jotzaileen eta zamaketarien besoak gelditzen ari ziren; txoferrak, turuta joka; eta azken kamioiak irteerara bidean. Vélezek agindua eman zuen: —Ez dadila inor atera. Aparteko orduak ditugu. Deitu Negro Llorel-i. —Gooz kontra re, harria bota ber dik! –iragarri zuen honek, zulaketa amaitu zuela adierazi zuenean. Hiru eguneko lan-jarduna eman zuen, hogei metrora zegoen pendiza estu hartan. Apurtu arte jardun zuen, harrobian esaten zuten bezala. Goizeko zazpietan La Proveedorak urrunean jo orduko, han zegoen goiko bere lekuan. Mazotzarrak kanpai soinuz jotzen zuen barra zapalaren buruan. Mazo elektrikoa balute, Benjamin Rosalesen harrobian bezala! Eulitzar erraldoi baten antzeko burrunba egiten zuen, hortzen karraska eragiteraino. —Hori sasoia, bitan jo eta mendiyan erdiraino sartze uk. —Ta egiya ote uk diamantezko muturra ula? —Al tzekit pa! Bino oso goorra uk… harri urdinerako; ta biunerako re. Negro Llorelek, ordea, gauzak ongi begiratuta, ez zuen bere laneko harrobian zulagailu elektrikorik nahi, ez zuten-eta haren premiarik izango. Soldata jaitsiko zioten agian… Hori, botatzen ez bazuten. Ezingo zituen erakutsi mendiko harkaitzetan zizelkatuak ziruditen bere saihets-sorbaldak. Ez zuen mazoa jotzerik izango. Ez zuen inork esango inoiz alboan entzundako hura: —Gorputz puska, Negro horrek! Boxeatzeko hukek aproposa! Goizean goiz, fresko egiten zuen; geroago, eguna piztu egiten zen eta egarriaren eztenkadak sumatzen ziren. Hainbeste izerditzeak emango zion halako egarria. Ertzera atera eta, bi eskuez bozgorailua eginez, deiadar egiten zuen: —Ura! Ura, mutikua! Izurde-kontserbatako bi potokada edaten zituen zurrutaka eta lanean jarraitzen zuen. Bera zen tiro-aldiez zekiena harrobi hartan: zuloen sakonera eta norabidea kalkulatzen zuen, harri-zainen lodiera, kartutxo-kopurua… atera nahi zenari loturik beti; horrez gain, mazoaz ematen zion zulagailuari, azken orduan dinamita aztertzen zuen, kableen lotuneak jartzen zituen eta bateriaren botoia sakatzen zuen. Azken hiru egunetan barreno-zulaketan baizik ez zuen jardun. Emazteak, neska zuri, zurbil eta ahul hark, ia ez zion txintik ateratzen. Urte eta erdi eskaseko semetxoa laztandu baino ez zuen egiten, lur lohitsuan, txarrantxarik gabe, itsatsitako ohol zikinetan katuka zebilen bitartean. Korrika afaldu eta ahituta erortzen zen lozorroan. Emaztea kexuz aritzen zitzaion: —Akatzen ai za. Harria putzuan bino arino eortzen za; hortaino zaude nekauta. Hitzein e al da ba zukin! —Sekulako tiroka eman ber dinau: hemezortzi oinka bai, gutxinin. Earra zulua, haitz urdin garbiyan! Goizean, tiroa jo behar zutenean, Vélez penatuta joan zitzaion: —Nola diren gauzak, Negro! Ezingo diagu gaur tiroa jo! Ez genikek zer eginik harriarekin. Eskariak urritzen ari dituk. Negozioa gaizki ziak. Garai txarretan gaudek! Egun osoan harat-honaka jardun zuen, ezinegonean, barrarekin. Negro Llorel asko poztu zen, horregatik, ugazabak tiroa jotzeko deitu zionean arratsalde hartarako bertarako. * * * Harrobiaren itxura eraldatu egin zen une batetik bestera. Vélezen etxe ondoan, ate nagusitik gertu, biltzen hasi ziren kuadrillak. —Dinamita jartzen ari-tuk. —Ez duk sumatzen birbano-oliyun usaia? —Latza, ezta? Zarta earrak eman bea izkitek! —Zenbat? —Hiru. Hiltegirako uk. Ehun metro inguru ber omen dizkitek Kamioiak joanak ziren jada; baina berriro itzuli ziren. Aurreko joan-etorrietatik itzulitako beste batzuk ere kalean zeuden itxaroten, itxituratik at. Itxarotearen isiltasun hertsiak ebakitzen zuen airea. Bakandurik, mazo baten kolpea zen barrenetik –lehen ilunak estaltzen zuen lubakitik– zetorren soinu bakarra, zulagailua jotzean. Harresia ez zen zuzena, bidexka malkartsuak sortzen zituen edo zeharkako tontortxoetan jaisten zen edo arrakalatako zerrendetan edo irtenguneetan. Beheko laztabin-zuloa prestatzen amaitu eta zulo handienera igo ziren. Negro Llorel izerdi patsetan zen. —Goazen azkar, zaparrak harrapau bino len. Prestatu zuten arin-arinka bigarren laztabina ere: zuloa harri urdinezko harri-zainetan sartzen zen eta mendiaren muinera zihoan. Batek harriari kosk egiten zion eta besteak harri arinaz eta legarraz estaltzen zuen. Beltzaren azazkalek kirrinka egiten zuten hautsetan. Eztarrian listua loditzen ari zitzaion, leherkariaren olio-kutsuaz. —Mendia konkortu ber dik honek! —Hesitik kanpo re bota ber dik harria. Pendizaren ertzak ia ez zien lekurik uzten. Zaparrada iragartzen zuen haize zakarrak gorputzari itsasten zien atorra. Hogei metro beherago dena txiki ikusten zen: nagusiaren etxea, jendea atarian, birringailua itzalita, hesia, kamioi hutsak, kale zuria argi-itzaletan eta, are harago, lautada lohitsua choloen etxetxoz josia eta, azken argi izpitan, Estero Saladoko barra okerra, zilar findua bezain dizdizari. * * * Arellano ernegatzen ari zen. Dagoeneko baziren zazpiak. Zer ordutan hasiko ziren garraiatzen oraindik ez bazegoen materialik? Harria mailaz maila botatzen zuen birringailua isilik zegoen, ehotzekorik gabe. Jendea gazta-ogiak eta enpanadak jaten ari zen, otarretako saltzaileei fidantzan erosita. Gaua eta euria gainean ziren. Vélezek oihuka deitu zion: —Zer gertatzen da, Negro? Keinu egiten ikusi zuten eskuaz eta atorraren, begien eta hortzen zuria nabaritu zuten behetik. —Beala. Makurtu zen beste behin, bateriako hariak maneiatzeko ziurrenik. Arellano ordua ikusi nahirik zebilen bere erlojuko esfera txikian. Denbora emango ziola espero zuen, lehen eztandak jo eta emakume dotoreak “Olmedo”ko98 emanaldi berezitik irteten ikustera joateko. Negro Llorel laztabin-zulotik aldentzen ari zen. Bi besoak astindu zituen goitik, jendeari aldentzeko aginduz. Vélezek pasa zuen mezua: —Alde, alde! Bazterrera denok! Edo hobe, hesiaren atzera! Peoi-taldea ate nagusitik kanpo jarri zen. Auzoko jendea leherketa ikustera zetorren. Mutiko batek oihu egin zuen: —Kontu… buruak eta saihetsaldeak hautsi gabe! Lehen tantak ugaltzen ari ziren hauts artean. Lur bustiaren usaina zabaldu zen beste guztiaren gainetik. Ilunagatik ia ikusi ezin bazen ere, Vélez eta Arellanok laztabin-zuloan zituzten jarrita begiak. Beltzaren eta mendialdeko laguntzailearen atorrak nabarmentzen ziren zulotik aldentzen eta erlaitzean zehar ibiltzen. Itxaroten den guztietan bezala, bihotz-taupadak apur bat azkartuta zituzten aparteko ezer ez bazen ere. Berandutzen ari zela, besterik ez. Eta begiak zorroztu zituzten, beltzak noiz altxa eta jaitsiko besoa, argindarrari bide emateko. Tantak euri-jasa itxi bihurtu ziren. Isiltasunaren erdian, jendearen marmarioa gero eta ozenagoa zen. Berehalakoan tiro egin ezean, urak hartuko zuen dena eta ez zen leherketarik izango. —Ze ote? —Etzekiat. Trabau ingo huen. Hara, hor zihoaztik berriz e zulo aldea. Erlaitza zeharkatu eta zulaketa egin zutela zekiten gunera iristen ikusi zituzten. Mantso-mantso zihoazen. Arellanori bi panpina iruditzen zitzaizkion. Iritsi zirela ikusi zuten eta beltza belauniko jartzen eta aurpegia ia harritan sartzen. Tximistaren aihozkada batek ebaki zuen ilunpea. Eztandak Vélezi eta Arellanori saihetsa ito eta burua leherrarazi zizkien. Mendia zartatu egin zen harri eta hauts arteko leherketa ikaragarri hartan. —Jainko mattia! Oihartzunak behin eta berriz errepikatu zuen ondoko mendi-hegaletan halako danbateko sakona. Harri txikienek etxearen teilatua, hesia, kalea metrailatzen entzun zen. Jendartean garrasiak lehertu ziren. Lasterka, harrobira sartu ziren denak. —Hilko hituan! —Jasaus! —Korri! —Mediku bat! Andak! —Goazen ikustea! Arellanok indarge esan zuen: —Medikuagana noa Gaueko ilunak inguratzen zituen. Laguna gelditu egin zen. —Bai, zoaz. Zerbait trabatu egingo zitzaien eta, haria mugitzean, indarra pasa… Hau zoritxarra! —Beldurgarria! Autoan sartu zen. Ez zituen gorpuzkiak ikusi nahi. Beso- eta hanka-ondoak ebakita izango zituzten, kiskalita, odoleztatuta. Zorabiatuta, azeleragailua zapaldu zuen. Euria fresko eta gozo uzten ari zen gaua. Autoaren aurrealdeko garbigailu automatikoa abiarazi zuen, euri-erauntsiagatik malkoz betea ordurako. Malkoak! Malkoak! Kanabera-hesi baten artetik, autoaren ibilian, orikai-belarraren usaina atera zitzaion bidera. Murmurika esan zuen: —Lorategiren bat. Ez, ez da gure errua izan. 1937 “ETXE BAT ERORI DA” Kamioiak, mamutzarrak ufaka bezala, artean eraikinik ez zuen kale zabaleko lokatzetan sartu ziren; han altxatzen zen, bakarti, lantegia, orube eta txabolen artean. Makinen gurpil leunak jirabiraka zebiltzan gurdiek irekitako zirrituen hobi lohitsuetan. Mosaikozko atarian utzi zituzten aduanatik atera berri zituzten pinuzko kutxa handiak. —Zaldi gehiagoko motor berriak? —Sono lo diesel de maior potenziale, sí… —Zenbat? —Due. Baina apurarsi, mijito. Lantokiko nagusiak, tripaundi ilehori bat, izerdia xukatu zuen. Zamaketariak bultzaka ari ziren. Batera heltzen zioten lanari, txindurrien talde-jarreraz. —Erne, ez daila atea arrabola… —Eutsi handik, eeeup… —Iyok palanka atzetik. Ohol trinkoz egindako ate ilunek ahoa ireki zuten. Barrutik –transmisio-uhalen adatsek lotzen zuten makinen eta fideoak oratzeko mahaien eta kakao-biltegien arteko nahas-mahas berezi hartatik– bizi-usainaren kutsua zetorren: olio, gaileta eta txokolate usaina. Lehorgailu erraldoia jiraka zebilen, apalak gainez eginda. Haientzat atondutako leku berrietan utzi zituzten, azkenik, kutxatzarrak. Kale ertzean, txabolak ez zuen ezer sumatu. * * * Rugel zaharrak agure samurtasunez zimurtzen zuen bere cholo-aurpegia, txabolaz mintzo zenean. —Zarra! Ne zar txikiya… Ahurra zurbil eta atzea beltz, esku dardartia gorputzean jarrita zeukan: une batetik bestera hauts bihurtuko zela zirudien kanabera nabar errezko gorputzean. Sabaia estaltzen zuten auskalo noizko bijao-lasto higatuetan irristatzen ziren eguzki-izpiak laztantzen zituen. Esana zion italiarrari: —Ne zartxoa, gringo jauna, ne txabolatxoa! Aspaldi bino lenotik bizi naiz, geo, hemen: hor hil tzen ne emazte zena re! Eunen batian bota ingo iate kutxatzar hoiek, beorren makina berri hoiek… —Eta zer egingo diogu bada? Per sentimentalima no si pierdono negoci, signor Rugeli. Ordainduko indemnizacioni, erosiko sua txabola… Rugel saiatu zen azaltzen axola zitzaiona ez zela txabolaren diru-balioa: oroitzapenak zirela… Lantokiaren kudeatzailea ernegatzen ari zen: —Badakizu lo que possiamo facere, Rugeli, ordainduko… Saiatu zen tarte batez oraindik, baina ezin izan zuen gehiago; iraganeko egunak gogoratu zituen; haserretu zen: —Hoa pikuta, bachiche99 kupigabia. Lapurra… Bertako semia izorrau besteik ez die iten gringo aluok! Gringoak, orduan, zaharra jo zuen. —Nei ez, geo, eskuik altxa, gringo!100 Banandu zituzten. Baina Rugel zaharra Cuenca kalera eraman zuten guardiek: polizia-etxera. * * * Pintura berri usainen artean, argi zabalera atera zuten kutxatzarretik diesel-makinen altzairuzko egitura. Zilindroak dizdizari agertu ziren; behealdeko estalkia beltz zabaltzen zen. Igeltseroak hormigoizko harri-oheak prestatzen ari zitzaizkien; mekanikariek azken ukituak ematen zizkieten; langile adituek tresna espezializatuetara lotzen zituzten. Eguerdi batez, mamutzar ufakari haiek –kamioiek– berriz ere dardaratan jarri zuten auzo bakartia. Petrolio ontziz zamatuta zetozen orain; orbanez betetako peoiek irristarazi zituzten lantegiko mosaiko gorri gainera. Kale ertzean, txabolak ez zuen deus sumatu. * * * Dardara gogor bat hedatu zen hormigoira. Txinpartak petrolioa leherrarazi zuen zilindroetan. Enboloak lasterka hasi ziren; ekin zioten mugitzeari kojineteek; jo zuten beren kantua balbulek; egin zuten oihu transmisioek; uhal koipeztatuak ere garrasika hasi ziren. Haize bafadak begira zeudenen aurpegietan jo zuen. Oinpeko lurra ere, astindu ikaragarriak eraginda, dardarka hasi zen. Lur azalean jarrai zitekeen astindu haren olatuak hedatzean egindako bidea. Arraildurak eragin zituen mosaikoetan, kanporatu zen atarira, lantokiko eraikinaren apal trinkoei heldu zien. Balantzan jardun zuen mugitu nahiez, temati. Ezin izan zuen eta aurrera egin zuen bidean. Zoladurarik gabeko buztinezko kalean, hartxintxarrak banandu zituen; mugitu, galtzada-harriak; zartatu, buztinezko zirrituetako zokorrak. Diesel-makinen itzulinguruan zebilen korrika. Trabesei azaletik lotutako tranbiaren burdinbideetara iritsi zen eta airean atera zituen. Jo zuen beste atari bat: lurrezkoa oraingoan eta nola edo hala lotutako guacayezkoa, lurrean erdi finkatutako ohol zaharrez egina, ziririk gabeko habe ustelez eutsia. Rugelen txabolaren oinarriak. Astindua barrez ari zela zirudien. Kale ertzean sortu zen zaratak kanpora atera zituen proba –diesel berrien proba– miresten ari ziren guztiak. Txabolatxoa egon zen tokian hauts-hodei bat besterik ez zen ageri eta, sakabanatzean, pila bat ohol zahar, kanabera apurtu eta lasto astindu utzi zuen begi-bistan. —Etxe bat erori da. —Rugel zaharraren txabolatxoa zen. KAKA-PATARRA 1 Jada ate aldera abiatu zenean, bitxia egin zitzaion Miguel Saavedrari edan gabe zanbuluka hastea. Are harrigarriagoa oraindik, bere zapatari-mahaira lotzen zuen oilarra urdin kolorekoa ikustea. Mozkortuta zegoenik ere ez igartzeraino mozkortu ote zen? —Azucena! –deitu zion emazteari. Zapatari-mutilak erantzun zion: —Señora Azucena eosketak itea atea da. Betazalak igurtzi eta sakon arnastu zituen lantokiko kutsu eta itzal urdinak. Oilar-lumen margo-janzkera bitxi hark, ordea, ez zituen urdindu ez mokoa, ez gandorra, ezta hankak ere. Baina, halako batean, begiak hormara jaso zituenean, Miguel biziki aztoratu zen: argazkiaren gibel grisaren gainean ageri zen Stalin-i ere urdin bihurtu zitzaizkion azken filmetan hain zuri ikusten zitzaizkion ilaje-biboteak. Langileagana itzuli zen: —Eta Juan Illich ere amarekin joan da? —Bai, nausi. Behatzak bekokitik pasa zituen Miguelek: halako beldurra sartu zitzaion bat-batean. Gehiegizkoa zen. Langileak berak ere, Anselmo ile kizkurrak, gaitzizenez Sapo de la Grecia101 deitzen zionak, urdin petoak zituen ile kizkur beltzak. Eta horixe gertatzen zen bere azazkal nabarrei edota eskuetako eztenari zegokienez ere. —Ea, Sapo de la Grecia, hator eta utz iezadak begian putz egiten. Esadak, benetan, nire hatsak pattar usaina duen. Trukean, egia esaten badiak, agintzen diat ez naizela berotuko. —Nik usainduko iot, nausi, bino ez izan ni jotzeko asmoik: hala ez ba, ez paitiot esango. —Alajainkoa ez hautela joko. Beste arrazoi batengatik duk… Jaiki zen Sapo de la Grecia eta hurreratu zitzaion kontu handiz ugazabari, sudurra luze eginda. —Miraria! –jakinarazi zion– Tipula- eta hagin zulatu-hatsa besteik ez du botatzen. Zurrutan ostiaik ez do. Miguelen belarrondoko bizarrak izerdi hotzez bustita zeuden. Goragale-aldi batek bihurritu zion urdaila. Abiatu zen ate ondora eta besoak gurutzatu zituen, kale aldera jarrita. Baina hantxe itzuli zitzaion mundua erabat hankaz gora: bizikletaria, eta otarrea balantzaka igaro zen sukaldaria, eta zibotan ari ziren mutikoak, eta aurreko etxeko goialdean ari zen etxekoneko neskaren piano-notak… denak ile urdinez zihoazen, urdinak ziren. —Arranopola! Zer izan liteke hau? Zer ordutan etorriko da Azucena? Itzuli zen lantokira eta, aulkian eroriz, eseri egin zen. Estali zituen begiak esku biez. Sapo de la Greciak nabar ikusi zuen nagusiaren azal iluna: lehenago, antxume-larrua bezain lehorra eta orain, ardi-larrua baino ahulagoa. Kezkatuta egin zion galdera: —Ze gertatzen zaio, nausi? Tripako minez do? Basoka bat ur ekartzia nahi? Altxa zen zapatari-mutila eta nagusiaren sorbaldan jarri zuen bere esku urdina. Nagusia erotu egin zen; ez zegoen zalantzarik. Ezingo zuen, nola bada, galde-erantzunetan jardun. Sapo de la Greciak ihes egingo zuen. Bere hartan utziko zuen, hain urdin omen zeuden ezten, tenaza, oilar, argazki eta kaleen artean! —Ez hadi joan, Sapo, ez hadi joan! Ez, ez; ez diat urik nahi. Hobe; har ezak ayora102 bat eta erosi txurrut bat puro103. 2 Lasaitu; hori zen egin beharrekoa. Nola erotuko zen bada hala, bat-batean! Nerbioak izango ziren. Edo bezperako afariak kalte egin ziola. Eroek barrabaskeriak bota ohi dituzte zentzurik gabe. Berak, aldiz, ez al zizkion, bada, hitz zuhurrez eman aginduak Sapo de la Greciari? Une hartan ohartu zen Miguel txanpona eta ahotsa bera ere urdinak zituela. Zorabio makur haren mende zegoen burutik oinetara. Aulki ertzean eseri zen. Begiak itxita jarraitzen zuen, baina betazalak ere soldatzerakoan bezain urdin zekusan. —Azucena! Azucena! Zatoz laster! Gaixo nago, pozoituta, edo nik al dakit! Kaka zarra! Non sartu dira denak? Eta hik, Sapo de la Grecia, zer egin duk sucreekin? Non duk agindu niana? Ikusi egin behar zuen, ezinbestean; eta begiratu zuen. Barreneko atea baino harago, gela ziztrinean, arropa-kutxari, mahaiari eta liburuei printza urdinxkak zerizkien. Alboan, argi fluoreszenteak argituko balu bezala ageri zitzaizkion oin-izerditan higatu eta larru-kiratsez kutsatutako konpontzaile zantarraren lantegiko argi-itzalak. Margoa ere joanda zeukan apal bakarrak luxuzko erakusleihoa baino areago distiratzen zuen: zola-erdietako zapatak berak, beti bakanak, eder ikusten ziren! —Maisu, hemen tzu txurruta. Bino kontu, kalte handiyoik ez iteko. Ez zion galdetu Sapo de la Greciari berak ere argiztapen miragarri hura sumatzen zuen. Nahi ez bazuen ere, aitortu beharrean zen apur bat gaizki zegoela. Hitzik esateke hartu zuen edalontzi iluna. Keinurik egin gabe edan zuen itsaso zabal urdinaren zurrutada. Miguelek ez zuen itsasoa ezagutzen, zinetik ez bazen. Nola ezagutuko zuen, izan ere, lohi zuriz janzten zen itsasadarraren ertzetan kokatutako kai bateko zapata-konpontzaileak? —A! A! –klask egin zuen mihiaz. Suspertuta altxa zen. Ziurtasuna berreskuratzen ari zen. Ez zuen jada izerdi hotza botatzen. Ez zegoen erotuta. Eroagoa zen Anselmori Sapo de la Grecia ezizena jarri zion jendea. Zer zuen bere mutilak sapo-tik, edo jakitunetik nahiz aditutik? —Ta? On in dio txurrutak, nausi? Kaka-pattarraren sua olatu-kolpeen antzo igotzen eta jaisten zitzaion. Distira urdinak dantzan ari zitzaizkion itsasoaren erauntsi edo erasoak bezala, zutik, sabaitik lurrera. —Hobetzen ai da, nausi? 3 Sapo de la Greciak ere, ziur, urdindu egin zion ahotsa, iseka egiteko. Zer zela-eta erotu behar zuen? Egia, alderdikideek ohartarazi ziotela, militantzia hiru hilabetez eten ziotenean. Mozkorren ondoriozko zigorra izan zen. Miguelek helegitea jarri zuen taldeak hartutako erabakiaren aurka. Emandako arrazoiak arrazoi, Eskualde-Komiteak berretsi egin zuen zigorra. Epaia are gorrotagarriagoa egin zitzaion –ondo gogoan zuen–, unibertsitateko ikasle bat bidali ziotelako berri ematera. ―Bai, kamarada Saavedra, zuzendu beharrean zara. Zure grina txar horrekin alderdia kaltetu eta izen ona kentzen diozu. Hiru hilabete oso tarte laburra da: itzuliko zara gure borrokara… Drillezko jaka garbia zeraman kamarada ikasleak, ukondo-ukabil aldeetan adabatua. Erakusten zuen irribarre zabalak osoan mugiarazten zion aurpegi-azal iluna, bizarra egiten zuen kokotsetik hasi eta kopeta zabaleraino. Beti estimu handia erakutsi zioten Migueli. Orain, horri ere amorrua zion: —Zuek, intelektualok, elizara bezala zatozte alderdira… Arauak, diziplinak eta lelokeriak jartzera! Egunen batean bota egin beharko zaituztegu! —Zu ez zara langilea, kamarada, artisaua baizik. Gero adeitasunez heldu zion bizkarretik eta erantsi zion: —Ez ezazu edan gehiago. Ez zaitez alderditik aldendu: zelulatik besterik ez bada ere, hel iezaiozu lan sindikalari. Zigorra, gainera, ez da alderdiaren onerako bakarrik, Miguel, baita zure mesedetan ere. Zurrutean jarraitzen baduzu, gaixotu egingo zara. Eta seme-alabak epilepsiak jota edo memelo jaioko zaizkizu. Zu zerori ere erotu egingo zara… 4 Hamabost egunez utzi zion edateari. Baina eraman ezinezko tristuran erori zen. Loak hartzen zuen sindikatuan. Harrituta utzi zituen denak bere gogo-ezagatik. Lehenago, berriz, bizkor eta berritsu, batzarrak astintzen zituen bere alkohol-arnasaz. Orain aspertu egiten zen berriketaldi eta irakurraldietan. Azkenean kaka-pattar hartara itzuli zen, ongi zekien arren, esan ohi zuenez, alkohola dela etsipenean eroritako herri gosetua gehien pozoi dezakeen gaitza. Miguelek amesgaiztoen olatu itsuen artean ito nahi zuela zirudien bere burua. Taberna-zuloetan mozkortzen zenean, berekin ez ziren kamaradak iraintzen zituen. Errudun egiten zituen bere buruari aurre egiten ez zekielako. Zelulan balego, ziur mendean hartuko zuela akats hura. Zurrutaldietako azio-lagun batek era petralean erantzun zion. Burezur edo momia belzkara moduko bat zen. Ez zitzaion ahazten. Begiko zuria gorrizta ageri zitzaion: —Hik, alproja horrek, uste duk kapritxoz esan diatela? Neuri ere ohartarazi zidatek anaiak, medikuak eta gainerakoek: zurruteroak ero bihurtzen gaituk. Erotuta hiltzen gaituk beti… —Eta zeatik jarraitze uk, ordun, zurrutai ematen? —Mundu honetan bost axola zaidalako dena… emaztea, semea, alderdia eta kaka guztia… Hori duk egia, konpai. Zenbat eta lehenago lehertu, hobe! Egun batzuk geroago, Miguel odolezko obramenduak egiten hasi zen. Izutu zen! Abailan jo zuen, ospitaleko medikuek ikus zezaten. Alkohola debekatu zioten. Garai bertsuan, alderdiak jakinarazi zion beste hiru hilabetez luzatzen ziola zigorra. Oraingoan, bizkarrari eragin eta kaka-pattar gehiagoren bila joan zen. 5 —Azucena! Azucena… Juantxo!104 Etorri, etorri… Sapo de la Grecia, hoa bila. Ez, ez nago erotuta: gezurra! Dena urdin entzun eta ukitzen dudalako da. Etxekoneko neskaren pianoaren malenkoniazko ubera, olatuen graziaz aireraturik zetorren han-hemenka apar-farfailak uzten. Azucena, ordea, ez zetorren. Ez zen etorriko Miguelek erregututa ere. Begietara so egin nahi zion. Besarkatu nahiko zukeen, minberatzeraino laztandu gorputza, ahoa jateraino musukatu. Urdin ikusiko ote zizkion ezpainak, gorri eta bustitan distirantak ikusi ordez, azkenekoan bezala? —Ez, inondik ez urdinak. Azucena zuen geratzen zitzaion azken ederra. Aspaldi batean zapata dotoreak sortzea amestu zuen, larru ustelduak konpontzen jardun baino. Orain ohartu zen ez zuela hiltzerik nahi, munduko inongo emaztek jantzi ahalko zuen zapatarik ederrenak josi gabe harentzat. Emaztea zuen. Klase-borrokako etsaiek zituzten emazteen arteko edozein andre zuri baino hobea. Bai ederra zuela andrea: egunsentiko kantutan, zeruertz gorri gardenak –beti gorriak, ez urdinak– beren dorre, antena, terraza eta guzti, ekarriko dizkiguten etorkizuneko hiri komunistetako emakume guztiak batera bezain ederra. Berari zegokionez, ordea, berak ez zuen inoiz itsasoa ezagutuko. SOLASALDIA GUAYAQUILEN 105 (eszena amerikarra) Itsasadarraren uhin laburrak arre datoz. Ontzitxoaren txopa ondoan eserita, San Martín jenerala, uniforme urdinez jantzita, oharkabean bezala doa kai aldera, baltsetara, ur-bazter paduratsuetara begira. bolivar jenerala antzeman nahi du. Txalupak eta batelak datozkio ondotik arraunean. Nasako mastetan txandaka jarri dituzte Kolonbiako banderaren ostadarra eta Guayaquil eta Argentinakoen urdin argi-zuriak. Han dauden militarretako nor ote Bolivar? Ikusteaz bat ezagutuko duela uste du. Susmoa du odol koloreko begiak, azal iluna eta kondor-moko itxurako sudurra dituen soldaduetakoren bat behar duela. Kondorra, izan ere, ez da kolonbiarra bezainbat argentinarra? Ez al da Argentinako Andeetan irabazi Chacabuco106 edota galdu, Cancha Rayada107? —Komandantea, –diotso landa-laguntzaileari– ezagutzen al duzu Bolivar jenerala? —Nola ez, nire jenerala; hantxe dago. —Nor da? —Zutarriaren kontra dagoen hura. —Hori! Ez dio harrezkero begirik kenduko. Bolivar adeitasunez makurtu zaio, hain berea duen ausardia erakargarriz eskua luzatu dion une berean. Ofizial guztiak ditu inguruan. Denak, heroiak. Ez daki zergatik bereak ere ez dituen heroi ikusten, edota bere burua. Neurri batean, badirudi ez dituela atsegin heroiak. Nahiago zukeen bakean gobernatu, antolatu. Ez ditu guduak eta odola atsegin. Gorroto dio kuartel-giroari. Bizitzak agintzen du, ordea, eta gerra egin behar izan du; eta irabazi. Garaitu bada, ordea, guduak xake-partidak bezala jokatu dituelako izan da. Cádizen ez al zen Errege-Eskolako kadeteen artean matematikaririk onena? Orain Argentinako armadaren buru da. Bihar Argentinako bakearen lehen agintaria izango ahal da! Dena dela, Bolivar jenerala, zer da egin beharrekoa, guduak amaitzean? Cúcutan, diotenez, Konstituzio miragarria emana omen du. Eta agintari demokrata handi bihurtuko balitz, beste Washington bat izanen ote? Ez, Espainiatiko Amerika hau ez da Estatu Batuak. Hemen, Amerika espainiar honetan, eta Kolonbian bereziki, jeneral mulato eta basati gehiegi dago, soldadu analfabeto gehiegi. Eta jauntxo eta apaiz gehiegi, horiek xaxatzen Iparraldeko beste haren antzeko demokrazia jaio dadin. Monarkiak ere ezingo lirateke gure mundu berri honetan loratu, gure ezdeus honetan, ameskeria omen delako kendu zaigu-eta. Orduan? San Martín bere buruari galdezka ari zaio, amildegira ateratzen ariko balitz bezala: Amerikaren etorkizunaren amildegira. —Jenerala, pozarren naiz, ohore bat da niretzat! —Irrikaz itxaron dut bizi-aldiko une hau! San Martín altuagoa da; Bolivar, lerdenagoa. Altzairuzko eta sotiltasunezko zuzentasuna nabarmentzen dira argentinarraren itxuran. Axolagabe izatera iristen ez den lehia-jarrera fin batek ederragotzen du lautadatarra oharkabeko eta talentuzko ukituz. Irribarre egin diote elkarri, eskuak kemenez ematean. Guayaquil argitsu hartan, bete-betean erortzen da eguzkia uniformeen eta ezpaten gainera. Guayaquilgo herriak egin du urriaren 9a108. Konta ezin ahala soldadu eman ditu Bolivarren armadarako. Yaguachin109 borrokatu da; baita Pichinchan110 gailenduko ere. Paludismoak azala ilundu dien gizon eta emakumeak atera dira lokatz-inguruetako etxeetatik, algarroboen gerizpeko etxezuloetatik, Amerikako heroiak ikusteko irrikaz. San Martínentzat gauza bera dira itzal urdinez eta eguzkiz beterik azaldu zaion tropikoko hiriaren bero-zantzua eta ostatu eman dion gizonaren adeitasuna. Mingostasun-kutsu bat ere badu, berak harrera egin baino, berari egin diotelako. Baita mesfidantza gorde bat ere. Berak itxaroteko begiramena agertu zuen Liman. Bolivar, berriz, atzerabiderik ez duten gertakariz datorkio: bera dago hego itsasoetako ontziola nagusian, mendeetan piratek irrikatutako portuan, kolonbiarra izango den hiriburuan. Ezin zaio, halere, herrarik gorde ospeak alde batera utzi eta zinez abegikor hartu duenari. Ezin dio eutsi berak nahiko lukeen adei-lege hotz eta ia uzkurrari. San Martín tolesgabea da, xaloa eta ona. Dagoeneko miresten ari da ia gorrotatzekotan zen soldadu puska. Hain du irribarre zintzoa, hainbeste amets eder eta hain indar handia ametsok gauzatzeko, nire Jeneral Bolivar! Elkarrizketa izan duten etxeak teilazko estaldura du, balkoi kolonial zabalak eta ontzien belak diruditen mihisezko errezelak. Palmondo kokodun batek ematen dio geriza. Tropikoko zur gordinen usain-zantzua darie gelei. Bakarrik direnean, bi gizonak isildu egiten dira tarteka. Aldika bizi-bizi mintzo dira. Noizbehinka algara egiten dute. Bataren eta bestearen ahots hain desberdinen oihartzunak kolore bereziz janzten dira –ia ukitzerainokoak– gela durunditsu haietan. —Amerikaren etorkizuna eta askatasuna, Jenerala! –diotso Bolivarrek. —Eta bakea eta ordena? –erantzun dio San Martínek. Bien gaztaroak antzekoak izan dira, urte heroiko haietako denenak bezala. Liburu berak irakurri dituzte, baita bidaia bertsuak egin ere. Espainolek urre-zilarrak eramaten zituzten Mexikotik eta Peru Garaitik barna. Kakaoz beterik Guayaquildik Sevillarantz ateratzen ziren galeoiek geldialdia egin behar izaten zuten Acapulcon, zentralizazioak eta nor-noren burutazioak aginduta. Eta zer esan, beltz eta indiarrek haziendetan jasan behar izaten dituzten zigorkadez eta zepoez? Amerikarrak izaki, mingarriak zaizkie biei. Onartezinak. Amerikak borroka egin du eta garaile atera da. Aske da. Zer egingo du, ordea, askatasunaz? —Inoiz neure buruari galdezka hasten natzaio ez ote garen itsasoa goldatzen ari… Gehiegi pentsatzen dudanean izaten da. Horregatik, nahiago dut egin dezakedanaz bakarrik pentsatzea. —Zer izango da gure lanaz? Antolatu egin behar dugu etorkizuna. —Nola? Bizitzak gainez egiten die aurreikuspen guztiei. Nire izarrak esaten dit, ordea, Amerikak askatasunerantz joaten jarraituko duela. —Eta herrien bakea eta zoriona? —Ziur zaude, jenerala, bakeak ezer balio duen, askatasunik gabe? Gaua egin denerako, bi gizonak hiru aldiz elkartu dira. Bolivarren pentsamoldeek harridura eta etsia hartzera eraman dute San Martín. Bolivar, bere aldetik, huts eginda dago, aurreiritziak aurkitu dituelako Amerikan bere parekotzat duen gizon bakarrarengan edota, gutxienik, beraren ondoren, bigarrengotzat jotzen duenarengan. Behin hiriko aire kiskaldua freskatu duen gauean, ordea, gizon biek berriro hurbilago sentitu dute elkar. Finean, beraiek dira kontinente berrian milioika gizon-emakumek hauteman duten itxarobidea. Ezer adostu gabe aldenduko ote dira? Bihar banandu egingo dira. Bihar Kolonbiako gaiztoek eta Argentinako zintzoek bazter utzi eta ahaztu egingo dituzte. Bihar dira Santa Marta111 eta Boulogne Sur Mer112; bihar baita, Amerikako anabasaren gain, Espainia beltz haren oinordeko diren jeneral mulatoen eta jauntxoen tropel hezigaitza ere. Bihar, harako beste bihar batean, Bolivarren izarra ikur hartuta, beste gizon eta emakume batzuk hasiko dira, askatasunaz hitz egiten. Orain, tropikoko gau usaintsu honetan, jereza edan eta azal zuriko neska kreoleekin dantzan arituko diren jaialdira abiatu aurretik, Bolivarren eta San Martínen belarrietara gitarra lakar baten zotina dator urrundik. Bertatik ohartu dira bat bera dela bien zoria: bien arteko adiskidantzaren senidetasuna bizi dute. Elkarri begiratu eta elkar ulertu dute. ETXEKOANDREA Frou-frou bakarrik geratu zen haziendako berrehun peoien artean. Botila-beira iduri, "Relámpago" planeagailuak –150 HP eta 90 milia, haize-helizez– "Esterón der venao"ko ur geldien botila-beira ebaki zuen begi-bistatik galdu zen arte. Leman Jiménez zihoan, bekainak zimur belar-hesiei jarri behar zien arretagatik: zorigaitza ekartzeko adinakoak baitziren, bere hegazkin ahulaz jo ezkero. Frou-frou moilatxoaren baranda labainean kulunkatu zen aspertu lizunezko keinuz. Emakumearen begi berdeak –chilca-hosto bustiak bezain argiak–, keinuka hasi ziren eguzkipean. Argi-errainuak, izan ere, urre koloreko izpietan zatiturik erortzen ziren, inguruetako lurrak estaltzeraino. Hodei-izpirik ez zen ageri urdinean. Sabanako lau haizetara zabaltzen zen, bitartean, pacharacoaren113 oihua. Kaiaren estalkiko xaflak krakada latzak ateratzen zituen. Balsa-hesolak argiz beterik ikus zitezkeen esteroko uraren musu freskoaren bila makurtzen. Eta Frou-frou aspertzen ari zen. Erlojutxoari muare gorrizko zintaz eusten zion eskumuturreko txikia begiratu zuen. Hamaika eta erdiak ziren —Zer egingo dut egun osoan? Senarraz burutaziotan ari zen: hiruretan Guayaquilen izango zen eta ez zen hurrengo eguna arte itzuliko. —Joan egin behar nuen… Gauean Olmedora aterako da Juan eta nik zortzietan oheratu beharko dut. Aukera hori ezinezkoa zela ikusiz, zapatatxoaz nasako ohol durunditsuak jo zituen. Arretarik jartzeke, begirada erratuz behatzen zuen, itsasbeheretan agertzen ziren sakanen gainei erreparatuz: ikusteke behatzen zituen arraildura sakonak, ibaiko mamu arraroen kobazuloak ziruditen sakonune beltzak. Goialdean, maskalduta, ihartuta eta zintzilik airean, belar zimelak. Behean, esteroko gurgur leun fina itsasgoran. Frou-frou, irudi liraina, jantzi trinko gorrian bilduta, azulejoaren114 pausoz igo zen etxera, kaian barrena. Eguzkiak erre-mina eragiten zion –ez zuen ohiturarik– mahukarik gabeko soinekoak agerian uzten zituen beso leun eta zuri-zurietan. * * * Frou-frou Jiménez aberatsaren amorante apaina zen. Montubioek esan ohi zuten: —Eme puska, hoi! Jiménezena! Nahiko nikek; diabruakin harremana omen dik-eta. Ia bea den deabrua. Duen grazia masoia bea re: Fru-frú… Miresgarri egin zen haientzat rodeo eta haziendako señalada115 ospetsuetatik. Aditu zaharrak bezala, moxalik basatienen gain eseri eta ibiltzen zen. Eskularrutan bildutako eskutxoez baliatzen zuen beta116. Ez zekiten zer pentsa emakumeaz, bat-bateko ateraldietan markatzeko burdina goria ferratzaileari eskuetatik kentzen zionean eta, belaunikaturik, hortzak karraskatuz eta, bere begi berdeak erdi ixten zituen bitartean, aberearen burdin goria hankari itsasten zionean eta, aberearen orro-kolpe zakarra entzutean, hede artean ostikoka ari zen gorputza sentitzen zuenean. Guayaquilen bertan apartekoa zatekeen luxuz apaindurik zeukan etxea. Eta ikusgarriena: koadro, panpina eta fetitxe arraro, altzari bitxi eta liburu apaingarri artean, hegan bezala, gustu handiko eskuaren dotorezia. Bazen han pianola bat ere. Gelak, argitsuak. Burdin hesiak, lorez gainezka. Inoiz ikustera iritsita ere, buztinezko eta guayacánezko gizon arlote haiei beste mundu batekoa zirudien giroa. Eta denen erdian, bera, behortegiko egunsenti distiratsuz apaindurik, adatsetako urrezko kizkurren jauzia erakusten. Frou-frou… Etxekoandrea. * * * Beti lemaren gurpila eskuan, haziendako esteroen labirintotik Babahoyo ibaiaren korronte zabal eta sakonera atera zen Jiménez. Ur-azala leun-leun ageri zen. "Relámpago"ren abiada areagotu egin zen. Ibaiaren ertzak bi suge beltz ziren, zuzen eta pare-parean ihes egiten. Uretan zehar tximinia beltzeko eta estalkia esne-kaikuz betetako bapore zuriak zihoazen. Jiménezek –masailean beti txiklea, begirada xaloa, sorbalda karratuak, jertse batean sartuta– Alfredori, txinatar txoferrari, utzi zion lema. Bihotz-ondoan hutsartea egin zitzaion bere Frou-frou utzi zuelako. Piztuko zitzaion, bai, Guayaquilen haren mira! Giroa freskatzean, bulegoan gauzak konpondu ondoren, bere "Marquette"a hartu eta joan ahalko ziren elkarrekin Chongón-era edota Pascuales-a, izen txarreko areto txikietan dantzan egitera. Bakarrik, ordea, ez zuen ezertarako gogorik. Igaroko ahal zen denbora… Hurrengo egunean, bidali beharreko gutunaren erantzuna prestatu bezain agudo, itzuliko zen. * * * Galeriako chaiselongue-an117 luze etzanik, laranjak zurrupatu zituen. Zukua ezpainetatik zerion eta are zuriagoak egiten zizkion hortz zuri zorrotzak… are gorriagoa, ondo parekaturik eta txiki, haiei eusten zien hagin-oia. Erantzi egin zen bainura sartzeko. Azkarrago freskatuko zen oihal txinatar mehetan –arroz-soroz, dorre zorrotzez eta herensugez brodatutako kimono berdetan– bilduta. Mugimenduek gogo-gabeziazko makaltasuna zuten. Buruko ilajea, utzia, zeta distiratsuzko kuxin batean etzan zuen. Egoteko era hartaz nekaturik, bat-batean mugitu egin zen, hanka bat airean jaso eta, eginahalean, urrun jaurti zuen oinetakoa. Alboan zuen mahaitxotik "Capstan" kaxatxoari heldu eta zigarro bat hartu zuen ezpain artean. Erretzea baino atseginago egiten zitzaion, ekialdeko aierupenez osaturik, tabako hark zekarkion piku zahar edo te nahiz opio usaina. Liburuxka bat hartu zuen, irekita zeukan hartan. Excelsior118 txikitxo bat zen: Medardo Angel119, bere buruaz beste egin zuen poetaren olerki gaixoak. Irakurtzen hasi zen: «Por donde ella pasaba, la tragedia surgía: tenía la belleza de una predestinada» Une batez bertsoek aipatzen zuten gela mingotsetako dama zela iruditu zitzaion. Irribarre egin zuen. Azkenean, olerkari penatuaz barre eginez eta liburua jaurtiz amaitu zuen. Une batez mahaitxoaren gain-azpietatik igaro zuen begirada. —Zer irakurriko dut? Blasco Ibáñez hori zakarra da. Veronako beste hori, lohia. Borget hori, berriz, aspergarria… A! Bai, zu: Loti. Nire Loti. «Aziyadé»120 hartu zuen. Irakurtzen hasi zen. Berriro aspertu zen. Ez; ezta Loti ere. —Hori da! ; zeu: Musset. Bazuen Elzevir121 arroxa bat, txikia, Japoniako paperez egina, "Nouvelles poésies" zekarrena. Pasa zituen Rolla eta Luzia. Ez, ez zen hori. Poeta gaztea, jainko ilegorri gaztea irudikatzen hasi zen. Hura ere "Georges" damaganako maitasun ankerrez penatua. Garratz egiteraino gozoegiak ziren bertso haien ahogozo beroa dastatuz irakurri zuen: «Honte a toi, femme a l'oeil sombre dont les funestes amours on enseveli dans l'ombres mon primptemps et mes beaux jours…» * * * Bero egiten zuen. Arratsaldeko ordu bietako bero-eztanda olatuka sartzen zen leiho zabaletatik. Barne muinetatik igo eta bekokian lehertzera zetorkion mina sentitu zuen Frou-frouk. Eskua jaso eta izerdi epela lehortu zuen. Lo hartu zuen. Gero bainatzera joan zen. Mosaiko urdinez jantzitako gelatxoan sartu zen; oinutsik, lurretiko freskura hartzeko. Sartu zen bainuontzian… eta hala ere aspertzen ari zen. * * * —Eta hi zein haiz? —Ahuntzaina. —Eta zer duk? —Ba, ne amak biali nau, indioilun arrautzokin. Ta san dit esateko Fru-fru señoritai bialtze iola, ño Jimene nausikin jateko. Ta barkatzeko huskei eta zikinkeiau. —Hator hona. Andreak ez zekien zer gertatu zen. Hain zuen tolesgabea irribarrea, hain zen sendoa eta gihartsua udako buztin lehorretan eta neguko behortegietako lohi bigunetan ahuntzak bazkatzen zaildutako hamalau urteko mutikotearen itxura! —Zein da hire izena? —"Er Chumbote"… Barka: Lui Piedra. —Ez, ez, hobe duk “El Chumbote”. Eseri hemen, nirekin. Laguntxoak izango gaituk. Mutikoak ia ikaratuta begiratzen zien Espainiako larru-gandua eta maitezko emakume-haragia zerion andre ilehori garbitu berriari edota asto-sabela iruditzeraino tenkatuta ikusten zuen chaiselongue mueiledunaren ahuntz-larru belgikarrari. —Andereño, prakauekin zikindu ingot larru oi. —Tontoa! Baina nik esanez gero… Eskumuturretik heldu zion. Chumbote mozkortuta bezala zegoen. Larria zen gertatzen ari zena! Etxekoandrea –nolatan?–. Hurreratu izan zitzaien bere kolore bereko emakumeak pentsatu zituen. Tipula eta xaboi ilun usaina zerienak. Nola edo hala janzki ilun eta koipetsuetan biltzen zirenak. Tamal122 baten antza hartu izan zien beti, txerri-tamal batena: platano-orriak ireki eta, halaxe, beltzaran, bero, gustagarri ageri dena. Ametsetan ere alboan edukitzerik pentsatuko ez zuen emakume honek, berriz, zirrara berriak sorrarazten zizkion. Zorabiatzeko modukoa. Behin taberna batean, gogor-itxurak egiteagatik, pattarra pattarraren gain edanarazi ziotenean bezala… Halaxe jarri zen. Horregatik, ez zen ondo ohartu musu eman zionean. Ezta zeta gorrizko gona, azpiko arropen apar artean, jasotzen ikusi zuenean ere. Ezta berna trinko, zuri eta arrosa haiek, musker arraro baten ahoa bezala, ireki eta erdian hartu zutenean ere. * * * Jiménezek autotik salto egin eta indarrez itxi zuen atea. Gauerdia zen. Malekoia, lau eta bakarti, ibai-besoan luzatzen zen goitik behera. Noizbehinka, gauzainen baten txistuak, kometari eusten dion hariak bezala, sigi-sagan zeharkatzen zuen kalea. Erdi-lo igarotzen suma zitekeen txistuka ari zena, argi gautxori bat edo besteren parean, bere soingaineko urdin nabarretan bilduta. Soto ilunetako porlana zurituta sumatzen zen. Nasa, beltz. Jiménez, antzokian ikusten izan zen filmean bezala, dena argi kontra behatuz, zaintzailearen txabolara jaitsi zen. —E, txino! —Zer da? Zein da? —Neu nauk. Hator, bagoaztik-eta. Pospolo-zarrasta. Argia ezpaldurik zabaldu zen arrakalatik. Txoferrak, ugazabari umore txarra ez erakustearren isilik, etxolako atea ireki zuen. Gauerdiko haizearen erratz beltzek orrazten zuten ur ertzera atera ziren. Ñirñirka ari ziren kale-argien errainutara, ibai-uren mugida nabarmentzen zen, indarka gora etortzen. —Itsasgora dugu; eta ez bagenu ere, hegazkinak bezain azkarra da "Relámpago" hau. —Beldurrez hago? —Ni? Ez horixe! —Hala balitz ere, esadak lasai. Joango nauk-eta bakarrik, ohepean gordeta utzi nian-eta beldurra. Irristailu sabelandia kulunkan zebilen, itsasaldiak eraginda. 150 HP-aren burrunba zakarra taupaka hasi zen, gauaren bihotza balitz bezala. Lehen erreketaren gasek gasolina gordin usaina zabaldu zuten. Helizearen haizeak Jiménezen aurpegia jo zuen. Egunsentiarekin batera jasoko zituen laztanen aitzinerapenak motor eta ibaiena baino doinu gozoagoa zuen aurrera makurtutako gizona baitan. Ilunperantz, andereñoagana. * * * Eromenezko gau haren egunsentiarekin batera esnatu zen Chumbote. Dena isilik zegoen, erabateko isiltasunean. Zer zuen, ordea, gainean? Bere onera etorri zen. Anai-arreba txikienen masailak bezain leun eta usain gozoko zera. Lo nahasiaren erdian, aurpegia inguratzen zion etxekoandrearen iztermamia zen. Luzatu zen, jaso zuen esku bat eta lotsarietako ileen zetazko hariekin topo egin zuen. Frou-frou esnatu egin zen… Biek batera salto egin zuten, egur hautsien zaratak ostikada batez zapaldu zuenean isiltasunaren aire urduria. Emakumeak xuxurlaka galdetu zion: —Nor da? Chumbotek erantzun: —Diabrua? Ez dio, ba, jendiak nausiyak…? Egin zen haziendako dieselaren argi elektrikoa eta gela guztia argitan geratu zen, apaintzeko mahai zuritik ispiludun arropa-toki txikiraino eta zetazko ohe-gaineko gorriak estaltzen zuen oheraino eta honen oinetako tigre-larruraino. Antzerki-keinuz bezala, han zegoen Jiménez. Besoak gurutzatuta. Lasai. Bekozkoa ilundurik. Beltzez jantzita eta gorbatako harribitxiaren printza ñirñirka zuela. Oinetan, jauzi egitean itsatsi zitzaizkion lokatz puskak zituen. Frou-frouk ezpainak hozkatu zituen, irribarreka, mainaka. Jaitsi zuen eskua eta gerrira jaso zuen pijamaren galtza. Eta chilca-hosto bustiak bezain berde ziren begi argiak jasoz… —Zer? —Ez duzu ikusten zertan ari zaren? Eta norekin! Gizonaren erabaki irmoaren seinale, mingostasun itxuragabe batek masaila kateatzen zion, txikleak bezala. Frou-frouk ihardetsi: —Ez gaizki hartu… Antoju bat izan da… Halakoa naiz, apur bat berezia… Chumboteren barruan hitz bakarra ari zitzaion durundaka, behin eta berriro errepikatzen: “nausiya! nausiya! nausiya!”. Ez zuen besteek ziotsen deus aditzen. Emakumea arrenka ari zen, ezpain-ertzak hozkatuz eta irribarre artean bere burua eskainiz. —Ez izan gogoan bestea… beste haziendako mutikote hura… —Hura hil egin nuen! —Hori besterik ez bada… Zozoa! Esan egin behar zenidan. Chumbote ez zen ohartu andrea egitera zihoanaz. Eta ulertu balu ere… Beti bezala, emeki, sartu zuen bere beso leuna burkoaren azpian. Atera zuen errebolber txikitxo bat, nikeleztatua, nakarrezko kirtenduna. Chumbotek eraztuna ikusi zuen dizdizari; eta zulo bat, biribila eta beltza. Harri eta zur zegoen. Isilik. Kopetan sentitu zuen. Tximista more bat egin zen eta harrikada gisako bat sentitu zuen buruan. Zerbait beroak gainez egin zion aurpegian. Ez ziren malkoak. Biraka hasi eta errezel gorrizta batek estali zion dena. Frou-frouk bultza egin zuen ohetik tigre-larrura. Erortzean, alkandora zabaldu zitzaion eta airean geratu ziren eltxo-ziztadaz jositako ipurmasail horixkak. Zakila zintzilik, zimel, janeiro orri ihartua bezala. Eta ume-mantarrak, more antzera… Jiménezek kendu zuen gorpua sakaneko lokatzetan zikindutako txarolezko zapata puntadunaz. Eta aho maitea musu luzez zurrupatzean, chilca-hosto bustiak bezain berde ziren begi argietara hurreratu zen… 1939 GOLKO-HAIZEA Barealdia zabal-zabal erori zen eguerdiko orduetan labarren aurrealde osoan. "Niña del Mar" ontziak bost mila kokoren zama zekarren. Belak, koipez beteta, hegal zimelak balira bezala erortzen zitzaizkion. Oholak kirrinkaz ari ziren eguzkipean. Belaontzia, masta huts, ur-laster garden eta berdeak zeraman astiro. Airea, argiaren argiz, burdinazkoa egiten ari zen. Masta ondoan bazkari-prestaketan zebilen Juana de Jesusek aitaren egin zuen. —Geldi hor, betoker txatxua! –oihukatu zion Pablo Mite pilotuak, ertzean eserita zegoen txopatik, oin hutsez lemaren barra zeraman bitartean. Ezagun zituen Juanaren mainak. Itzuli zuen betokerrak geldiro aurpegia eta jaurti zion: —Urotan, euzkia goian denian, “La Mardita” ateatze un. —Ehori haiz, hemen, “La Mardita”. Gaitza ekartze una! Emakumeari begiak are zuriago geratu zitzaizkion. Pilotuari begiratzen zion, baina urrunera, ozta-ozta nabari zitekeen palmondo sail galdu batera begiratzen zuela zirudien. Sukaldariaren soin ilunari arrain-usaina zerion, ontzian zen orori bezala. Adabakiz jositako soinekoa bera gatzez kutsatutako bela zarpailaren antzekoa zuen. —Ehorrek bakik ondotxo re, Mite, zein dan hemen benetan gaitz-akarrena. Pilotuak, behatza aho parean gurutzatu, eta erantzun zion: —Kontu! Brankan soinu bakarra urarena zen. Itsas hegazti bakar bat ere ez zebilen inguruetan. Eskifaian ziren beste hiru choloak eta nagusia lo zeuden gerizpean. Barealdi hartan, alabaina, solaskide biek argi eta garbi entzun zuten dei egin zien ahotsa: —Eee, bailandrakoak! Hotzikarak gerarazi zituen pilotua eta sukaldaria: istriborretik bailandra ilun bat ari zitzaien igarotzen; ontzia pintatu gabea zen. Nabar-zantzukoa bazen ere, eguzkitan zuri ageri zen zerupe hartan. Belak, popako haizeak puztuta. Beraiei, ordea, ez zetorkien haize-ufada bakar bat aurpegira. —“La Mardita!” Ondotik gurutzatzen ikusi zuten. Oihu egin nahi zieten, marinelei deitu; baina eztarriak trabatuta zituzten. Ontzian cholo bat ikus zitekeen, zuriz jantzita eta keinuka. Ia-ia "Niña del Mar" jotzera zihoan unean, berriro entzun zuten: —Labarren oinetan itxoingo zioat horko zuriyai! Zakurra zaunkaka hasi zen zama-tokian. Igurtzi zituzten begiak. Istant batez ondo-ondoan zihoakien bailandra, ordea, desagertu egin zen. Deus ez zen inguruan itsas lautada likitsa aldatzen zuenik. Oihu batean, gerizpera abiatu ziren. Lotatik bat-batean aterata, beste choloak beren txokoetatik etortzen hasi ziren. —“La Mardita”! “La Mardita”! —Ze izan da? Nun? Nun? —Ertzetik pasa berri gaitik ontxe. Ta oihu in tziuk. —Zin in tzak. —Alajainkoa. Hondoratzearen seinale da “La Mardita”rekin topo egitea. Ongi zekiten hori denek eta bekozkoak zimurtu zituzten. Erremedio bakarra gaitza dakarrena nor den jakitea izaten da eta hartaz libratzea… itsasora botatzea. Verrugate zaharrak esan zuen: —Gaizki goaztik! —Ze in, ordea, don Verrugate? Ze in? —Gauerako ez badizkiu labarrak atzian utzi, ez diat deusez erantzungo. —Eta zein izango a gaitza-karrena? —Auskalo! Elkarren arteko lehen begiratu ilun batek inguratu zituen bidaiariak. Zuria entzuten ari zitzaien, zutik, gerizpearen ate paretik. Bizar beltzaren artetik hortzek dirdai egiten zuten, koko-haragiaren pare: bere "El Palmar" haziendan, itsaso orrolariaren ertzetan, milaka bildu eta zama-tokia mukuru zeukaten kokoen antzera. Oinetan eserita, zakurrak zaunka motz eta zakarra egin zuen. —Astindu arraunak, hori nahi baduzue, cholo inozook, baina ez esan niri kirtenkeria gehiagorik. * * * Arraunek uren eztainuzko gaina astindu zuten. Astiro-astiro, "Niña del Mar" aurrera egiten hasi zen. Aurpegiko zimurdurek Verrugate zaharrari azal ustelduko mangleen antza ematen zioten. Zuriak, berriz, txanberga aurrean besoak gurutzatuta, urrunera begiratzen zuen brankatik. Arraina kokoaz bazkaldu, heldu arraunei berriro eta bizkar izerdituak makurtu zituzten. Bazekiten beren besoen mende zutela bizitza. Gauak zeharkatzeke harrapatzen bazituen, istriborrean, itsas otso ikaragarriak bezala, beltz ageri ziren arroka haiek, inork ez zuen, guztion truke, sareko berun-ale bat bera ere emango. Bai astuna zela "Niña del Mar"… sotoan zeramatzan bost mila kokoak eta guzti! Mite, gainerakoak bezala, isiltasunean murgildu zen, beti txopa ertzean eserita eta oina leman zuela. Tarteka bekain-masailek salto egiten zioten, nahi gabeko keinuz. —“La Mardita”! Arratsaldeak, ohartzerako, zerua lainotu zuen. Ura zink-itxurako xafla leuna egin zen. Choloek lehertu beharrean ziharduten. Unetik unera azkarrago sartzen zituzten arraunak uretan, euri tanta zorrotzak ateraz. Betazal erdi itxien tarteetatik, arrainen begiratu lausotua ateratzen zitzaien. Verrugate zaharrak, bat-batean, algara egin zuen, begi bihurriz so egiten zien bitartean denei: —Sango al digu inork nor den gaitza-karrena?. Ahotsak ezohiko oihartzuna zuen. —Nork? —Almadietan ibiltze ian jentilak, lengo haiek… inguru hautan izandako indiyuak… otoitzeakuan igarotze ia… Paitatik datozen sechurak123 bezelakuk dia. Esan zuenez gero, choloek bazuten arrazoi berria, arraunen joan-etorrian zutiarazten zituena, urrunean arakatzera. Entzunak zituzten noizbait jentilak: palmondo edo mangle artean edo esteroetan arrantzan aritzen direnei noizbehinka agertu ohi zaizkien antzinako indiar haiek. Halakoek esan ahalko zuten. * * * Puztu ziren golko-haizearen ufada zakarrak. Oraindik beltz ageri ziren istriborrean itsaslabarrak. Aparrezko uztai luze batek inguratu zituen. Haizearen lehen kolpeaz bat, zuriak agindu zuen: —Gora, bela hori! —Kontu, nausi, ez agindu altxatzeko! –egin zion aurre Verrugatek. —Altxa! Altxa! Altxa! Esan diat! Hi, Banchón, ezpeletara! Hi, hona! Tinko lema hori, Mite! Esanak egin zituzten. Ilunabarra zen. Bailandra alde batera etzan zen. Zabaldu ziren belateriaren guraizezko hegoak eta, olatuen bibote zuriak kateatuz brankan, uretan murgildu zen. Ezpeletek kraska egin zuten. Haizeek bejucoaren antzera astintzen zuten fokea. Behin maniobra eginda, choloak, katuak bezala kareletik karelera eta brankatik txopara ibili ziren. Ausaz oraindik begiztatu ahalko zituzten jentilen almadiak. Aitaren batean iluna egin zen itsaso gainean. Ekaitza nagusitu zen. Olatuak orroka hasi ziren. Bailandra amaigabeko astinduetan mugitzen zen, ohol zaharren krakateko ikaragarrien artean. —Bildu! Bildu! Maniobra egin ahal izan zuten. Ur-palastak itsutzeraino sartzen ziren. Amorrazioan, eskuetako azala zuritzen zuten soka haiek bizia zutela ziruditen, haizearekin. Txanberga ere, une batean itsas hondora begira zen eta zeru garaira, hurrengoan. Bailandraren erraietatik triki-traka ilun bat zetorren. —Kokoak! Maarikatuak! Kokoak! Bost mila koko zamatan; ur palastak; gizon zuria brankan, besoak zabalik, gor, itsu, ahoa ur gaziz gainezka. Txopan, choloak sotora jaitsi ziren. Bakarrik geratu ziren, berriro, Juana de Jesus eta Mite pilotua. —Entzute en, betoker? —Bai, cholo maarikatua. —Jentila-ittun. —Hori zirudik, bai. —Beira nor tzen gaitza zekarrena! Laster itzuli ziren bata bestearen ondotik ontzi-gainera. Zamak burrunbaka jarraitzen zuen behean. Mastaren ertzetik txinparta urdin eta gorriztak atera ziren eta uztai bat sortu zuten gabian. Juana de Jesusek inork baino lehenago ikusi zuen dena. —Sua! Su gaiztua! Beira! —Ikusi un? Ikus-inat. Zuria! Egia hunan “La Marditarena”! Barruan tzaon gaitza-karrena! –hasi zen oihuka Verrugate zaharra. Ahotsa itzalita geratu zitzaion, olatuen danbatekoen eta sototik irten nahiez zebilen kargaren artean. Tigreak, zakurrek inguratu eta choloek lantzaz aritzean, aurre egiten duen bezala, halaxe itzuli zen zuria. Haren ile motz eta nahasian eta bizarretan diz-diz egin zuten mastakoak bezalako txinpartek. —Madarikatuak! Cholo ergelak! Hori santelmo argia duk… Ez duk inolako deabrukeriarik edo tontakeriarik edo putakeriarik! Sukaldari betokerraren ahots zaratatsua hautsita atera zen, albo-argien kristalak apurtu balira bezala: —Zuria! Zuria uk gaitza karrena! Ureta! Bota ureta, denok ito bino len! Zuriak errebolberra atera zuen. —Betoker alua! —Jentilek san tzuten. Galde pilotuari! —In tzan zin. —Alajainkoa. Nagusiaren tiroak airean galdu ziren. Besoetan altxa zuten. Baina ez zuten astirik izan ertzetik botatzeko. Mendi bat ur erori zitzaien bete-betean gainera. "Niña del Mar" hondora zihoan. Une labur haietan, ibaia bete ur gazi ahoan, Miteri dena bizi-bizi etorri zitzaion burura: taita124 zaharra lastozko txabola zarpailean; sandiak eta kokoak jasotzen zituzten lur saila; marrazoa bezain zapala zen bongo125 hartan egindako arrantza-egunak; gezalaga arrean jasotako petrolio-gazteluak; ahotik odola zeriela hildako bi zaharrak, arreba… Lotan zireneko hilerria; eguzki-euriek desegindako hilobi gaineko makilazko gurutzeak… A, zuria etorri ez balitz Guayaquildik abokatuarekin, lurra kendu eta denak peoi bihurtzera! Ez zuen zeri heldurik. Hondoratuz, urperatuz zihoan, sentitzeari utzi zionean. ITZALA GURUTZATU ZENEKOA Txalupa kaitxora sartzen ari zen. Moisesek, bitartean, buruan iraultzen zuen han bete beharko zuen ordu aspergarri andana. Egunak beti berdin izango zirela aurreikusten zuen lanbideak zeraman herrixka hartan. Halere galdetzera ausartu zen: —Aho-zabalka jarduteko tokia, ezta, kapitaina? —Ez pentsa. Polita da herria. Mugidatxoa dago: txalupak, bailandrak, azukre-findegietako jendea… —Bai, e? —Gainera, itxurak besterik badio ere, neska gazte apartak daude, pinpirinak! Txaluparen kapitaina aldendu zen. Karelak itzulbira egin zuen Moisesen eskuen azpian. Uren berde iluna bits lohitan irekitzen zen branka aurrean. Haize kirria epela zen eta urruneko ezti-usainaz zetorren. Motorraren zurrunga entzuten zen kanaberaz eta eguzkiz urreztatutako errekondoetan. Herriko etxe gehienak lastozkoak ziren. Urrunean, kanaberadien luze-zabalean galduta, findegietako tximinia eta teilatu pintatuak ikusten ziren. Moises ez zen inoiz landa-eremuan bizi. Ia bi urte egingo zituen han guarda-lanetan. Denborak aurrera egin ahala, desagertuz joan zitzaion, hasiera batean, gazte txukun legez, lan hari eta lankideei zien gutxiespena. Erreminik gabe onartu zuen Río de Cañara joatea. Familiakoek ihartuta ikusten zuten azkenaldian eta suspertuko zela uste zuten. —Onartu, zalantzarik gabe. Ongi etorriko zaizkizu hilabete batzuk landan. —Zaindu, hori bai: azukretako kanabera-lurra duk eta kontrabando latza egon behar dik eta montubio horiek ikaragarriak behar ditek! —Laster batean eskatuko dut aldatzeko… Gogoan zuen amak negar egin zuela agurtzerakoan. Bideak, ordea, burutapen ilunak uxatu zizkion. Dena berria gertatzen ari zitzaion: txalupa, ontziak, bizkortu eta, besterik gabe, gosea zekarkion uraren usain sarkor hura. Iristean, tristura-kutsu lausoa sumatzen hasi zen bat-batean. Etxearen urruti-mina: aurpegi ezagun eta maiteak, bere kale-ertz hura, auzoko lagunak. Ez zuen inor eta ezer bere zain etxe sastar pila hartan: zerriak uxarrean eta haurrak korrika zebiltzan kale lokartuetan. Arratsaldeak eguzki pilatuaren gandua igoarazten zuen soro beroetatik. Txori ezezagun baten kanta entzuten zen. Bai, inor ez zuen zain txalupatik salto egitean. Guardak nahikoa talde handia ziren. Eskualdeak haien premia zuen. Montubioek gorroto zuten estankoan erostea. Jauntxoak kontrabandoan ibiltzen ziren, onean edo txarrean. Ezkutupeko alanbikeak aurkitzen ziren inoiz edo behin mendi itxiko adar arteetan. Gauetan, manga126 bakartietatik ttottaz betetako mando-taldeak igarotzen ziren, katalintzarrez zamatuta. —Moises, goazen azkar. –agindu ohi zion inspektoreak– Gauean txinoek sorta potoloa pasa behar omen ditek Montañitatik! —Prest, nagusi! Tiroketak, konfiskatze ikaragarriak, ezkutuko alanbikeak harrapatzea… denetik egin zuen eta sarri. Hilabete gutxiren buruan mendiko eguzkiak aurpegia belztu zion. Inspektoreak estimua zion: —Hiriko mutikoa gizonkotea atera zaiguk! * * * Ez zuen aspertzeko betarik. Zerbitzuak eginbeharrak eginbeharren gain zekartzan. Herri, auzune eta haziendetako chinganetan ibaika saltzen zen ttotta. Moisesek bazekien nola edaten zen hirian. Baina hura ez zen deus, hango peoi-taldeen zintzurretan sartzen zen zurrunbiloaren aldean. Larunbatetan lurrak mozkorrez gori izaten ziren. Mangetako erreten eta bazterretan, herrixketako kaleetan, bijaozko lizun-etxezuloetan egundoko gizon-sorta ibili ohi zen zanbuluka. Aihotzez eta tiroka amaitzen ziren liskar askotan hilak eta zaurituak gertatzen ziren. Landa-polizia egonean zegoen. Hobe; sustatu egiten zuen jokaera hura. Ruralak alkoholaren kontrabandoan sartuta zeuden; etxeetan lapurtzen zuten; montubioen emazte eta alabak bortxatzen zituzten. Inoiz tiroka ere jarduten zuten guarden aurka, hauek hobeak ez ziren arren. Moises ez zen gehiegikeriarik egitera iritsi. Hala ere, ezustean harrapatu zuen ezkutuko taberna bat edo besteko etxekoandreak, beldurrez, zokoan –ausart eta sarkor– onartuz ordaintzen zion isiltasuna. Hori bai, nazka izugarria zion edariari. —Hartzak zurruta bat, motel! Ikaagarriya zeok! —Ez diat edaten. Ez diat gustuko. —Ez hai kaskaila izan! —Ez uste; –osatzen zion beste batek– tirotan eta emakumetan maisua uk! Zurrutai paso iten tziok. —Mozkor txarra izango ik-eta… —Auskalo. * * * Herriko errebalean, zurezko zorua zuen etxe batean bizi zen Magdalena, don Catalinoren alaba. Leihoetan basoetako atxaparrak zituen landatuta. Inguru haietako neskarik politena zen. Ezagutu orduko, atsegin egin zitzaion Moisesi. Hala ere hilabete batzuk pasa eta gero bakarrik hitz egin zion. Maitatzen hasi zen; maitagarri egin zitzaion… Napoleon bizargina zen Río de Cañako gitarra-jotzailea. Moisesek eskatuta, abesti-saioak eskaini zizkion neskari don Catalinoren etxe aurrean. Napoleonek beti gomendatzen zion: —Kontu, Moises, kontu! Don Catalino agure zitala uk. Neskak merezi dik, bino zar hoi nazkarriya uk eta ez dik zirikatzeik e uzten; izorrauko hau bizkor ibiltze ez paiz! Moisesek barre txikiak eginez erantzuten zion. Neskaren etxe-aurrea argi-ilunetan egoten zen ilargi-gauetan. Leihora azaldurik atzematen zituen, alkoholak baino areago mozkortzen zuten Magdalenaren burualde kiribila eta irribarrea. Amak harrapatzen zuenean, kolpeka eta tximatatik tiraka sarrarazten zuen. —Atera nazazu! Eraman nazazu zeurekin! —Bai, ‘negrita’, baina itxaron… —Ez… Berehala. Bestela zaharrak zu edo neu akabatu egingo gaitu… Ez duzu ezagutzen! Ohartarazi zion solas egin zuten azken gauetako batean. Behin ama lokartzean, ezkaratzera jaisten zen ezkutuka. Elkarrekin ipintzen zituzten beren malkoak. Magdalena atorretan jaisten zen, tapaki batean bilduta. Moisesek ez zuen bere egin, maite zuelako, Guayaquilera eramango zuelako, ezkondu egingo zuelako! Neskaren musu sutsuen eta malkoen ahogozoa, haren gorputz epel eta malgua, laztantzen zuen azal leuna… guztia, harrezkero, Moisesen oroitzapen kuttunena bihurtu zen. * * * Don Catalinok egina zuen jada ttotta gisako zera pila bat. Itxura arraroa sumatzen zitzaion: aurpegiak –musu-luze ezaugarri haiez jantzita, ilaje zuri-zuria inguruan– zaldi-azalezkoa zirudien. Begi txikitxoak itzalita eta lehertzeko zorian bezala ikusten zitzaizkion. Kulunkan jardun zuen luzaz oinak lagunduta bultzatzen. —Gau hontan akatu ingo iat! –ari zen murmurika. Gelan, ilunpetan, saguzar bat zebilen hegan. Itxi-usaina zerion kuartoari. Bere ohean ahuspez, Magdalena negar-zotinka ari zen estutasun betean. Ate irekiak alboko gela erakusten zuen argipean. Kriseiluaren argiak, kea zeriola, sorgin itxura zemaion amaren aurpegi kakotuari. Bihurdurek desitxuratuta islatzen zen itzala kanabera nabarrezko paretetan. Hortzik gabeko ahoak barre txikia erakusten zuen. —Gau hontan akatu ingo iat! –esan zuen berriro don Catalinok, lurrean, alde batera uzten zuen bitartean ttotta edateko zerabilen ontzia. Magdalena zutitu egin zen lotako babeslekuan. Ez, ezin zuen eraman. Moisesen azkena izango zen. Aitak hilko zuen. Eta bera! Gauez ezkaratzean elkartzeko aukera zutenean ohi zuen bezala, berak papertxo bat bidali zion, etortzeko esaten ziona. Don Catalinok eskuetatik kendu zion eramateko mandatuetan zerabilen mukizuari. Pasa zion emazteari irakurtzeko eta, ondoren, joateko esan zion Moisesi ematera. Alaba etxean jarri zuen giltzapean, izuak jota. Etorriko zen Moises. Sartuko zen ilunpetan aurkituko zuen ezkaratzean. Eta besoetan gorputz maitatu erdi-biluzia estutzera zihoala uste zuenean, don Catalinok hondoraino sartuko zion aihotza… —Hoa ohera, alua! Hoa lota! Zeatik ez dun lo iten? Behorrak bezala, iel hao ala? Maarikatua! Zotin isiletan lehertzen zen. —Esaiozu, ama… Kirrinka-soinuz atera zen zaharraren irri karkara. —Izorra berko-in! Izorra berko-in, garaño izateatik! Eo ez haizela harekin etzan esan ber den? Altxa eta herren-merrenka, sokaz mugitutako txotxongilo handi baten itxuran, ganbarara abiatu zen, korrika txikian. Haren itzal okerra paretako kanaberen kontra dantzan zebilen, kriseiluaren gorabeherekin batera. —Gau hontan akatu ingo iat! Isla galdu batek salatuta, Magdalenak aihotzaren distira ikusi zuen. —Jainkoarren, ez, taita, ez!… Hamakara hurreratu zitzaion, tximak jarioan eta ahotsik gabe. Ttotta beltz eta garratzezko korrokadak zerizkion Don Catalinori. Neska belauniko jarri zitzaion lurrean eta zaharraren belaunari helduta geratu zen, aihotza kendu nahian. —Utzi, urdanga… Uzteko! —Jainkoarren, ez, taita! Zaharraren buru-begiak amaraun gorriztaz inguratuta zeudela zirudien. Errainuak itzulinguruka ari zitzaizkion odoleztaturik. Oinetan zuen alabaren beso saiakorrak lehian ari zitzaizkion, aihotza eskuetatik kendu nahiez. Indartsua zen, madarikatua! Baina ezingo zuen. Ikusiko zuen! Eta gorantz alboratzen zion labanari eusten zion besoa. Neskak indar egiten zuen eta bularren mate erdiek aitaren berna, izterra, sabela… maspiltzen zuten. Harrigarriro gogor eta zorrotzak sumatzen zituen titi-muturrak. —Taita, taita! Alabari oihu latz eta estua atera zitzaion, aita egitera zihoakionaz ohartu zenean. Jaitsi zuen don Catalinok aihotza eta alaba jo zuen luze-zabal. Gorputza bere pisuz erori zen; eta oholak jo zituen garondoaz. Zaharra, ilunaldiaren oihal gero eta itxiago hartan, gainera erori zitzaion. * * * Napoleón, barberian, orratza pasatzen ari zen bere ile likatsuetatik. Ilea mozteko besaulkian eserita, Moisesek urketari baten aldarria entzun zuen kalean behera joaten eta, bitartean, egunkari zaharrez papereztatutako sabaira begira jarri zen. —Aizu, nausi. Magdalenaren mandatuak egiten zizkion mutikoak orri bat luzatu zion. Moisesek eskutik kendu zion, larri. Zaldia haztegian bezala zuen bihotza, lauhazka. —Zer deu? –esan zion Napoleónek– Emakumik eskribitu du? —Aja. Ez zuen nahi izaten, ordea, inorekin hartaz hitz egiterik. Jelosia modu bat zen: iruditzen zitzaion, hitz egitean, gutxiago zela berea. Tabernarena egiten zuen dendara abiatu zen, otordu-bila. Hitzorduak mozkortuta eduki zuen egun osoan. Zer ordutan ilunduko zuen? Eta ezingo balitz jaitsi? Eta ezkaratza itxita aurkituko balu? Ez, ez zion idatziko. Hainbat aldiz ikusi zuten elkar leku hartan! Afalondoan gelara joan zen. Herria, esan ohi den bezala, oiloekin batera oheratzen zen. Egunaren azken isla gorriztak zerumuga margotu zuen. Kanpotik kanabera gozoaren usain beroa zetorren. Kale ertzetako belarrak kulunkan zebiltzan, leunki. Hamakan etzan zen itxaroteko eta zigarro bat piztu zuen. Gaua nagusitzen ari zen. Zakur-zaunkak sumatzen ziren urrunean. Ate-leihoetan argiak ikusten ziren. Orduen kontu ateraz joan zen, oilar-kanta bakanak lagun zituela. Urduritasunak hamakari helaraztera, ezpainak hozkatzera zeraman. Ikusteko irrikaz zen. Aspaldidanik beharko zukeen eramana eta emazte egina… Ohituraz, poltsikoan hartu zuen errebolberra. Gaueko ordu txikiak ziren jada, herrixka osoa lozorroan zen. Argi bat bera ere ez zen ikusten. Dena itxita zegoen eta orririk gabeko leiho bat edo batek aho-zuloa zirudien. Kalea ez zegoen iluna. Lainotzar harro haiek ez balira, ilargia izango zen. Argitasunak, lainoak zeharkatzean, zuri egiten zuen gaua. Argi-itzal garden hark ukitzeko modukoa egiten zuen airea. Elizako dorrea multzo ilun bat zen. Beltzez jantzitako norbait ateratzen ikusi zuen ataritik. Ez zuen lortu bereiztea gizonezkoa ala emakumezkoa zen. Izu-ikara berezi bat sartu zitzaion. Errebolberra ukitu zuen. Atzetik abiatu zitzaion eta, pausoa bizkortu ahala, itzala ere azkarrago abiatzen zen, burua itzuli gabe. Izu-ikarak tentetu egin zion ilea. Gailentzen utzi behar ote zion bada beldurrari? Ez zegoen horretarako arrazoirik. Don Catalinoren zaintzaileren bat bazen, tiro egingo zion. Montubioetako inork ez zion egoskorretan irabaziko. Etxadi bat harago, zorionez, Magdalenaren etxea ikusi zuen. Don Catalinok bazituen luxu bat edo beste: karrerapean, atearen aurrez aurre, farol bat zuen zintzilik. Itzala aurretik zihoakion. Dena ongi bideratuko zen: oinezkoak aurrera egingo zuen; bera iritsi, bultza eta etxean sartuko zen; Magdalena zain izango zuen; izu-ikara amaituko zitzaion; maitearen ezpainak besterik ez zituen izango… Itzalak, ordea, ez zuen aurrera egin. Ezkaratz aurrean geratu zen, farolaren argi hori keinulariaren azpian. Emakume bat zen; tapaki bat zuen buruan. Moisesek ez zuen oilo azaldu nahi. Aurrera egin zuen. Itzalak ere, bat-batean, atzera egin zuen atearen kontra eta, hitzik esan gabe eta lepo gainetik besoak gurutzean zabalduz, bidea itxi zion. Jaitsi zituen itzalak besoak saihets aldera eta berriro jaso zituen, bidea ixteko. Halako samin- eta erregu-zantzua zerien keinu haiei. Ez zuen beldurrik, baina ezin zuen aurrera egin. Ezta tiro egin ere. Askatu ezinezko lokarri batek estutzen zizkion oinak. Halako zerbait sentitu behar zuten, herriko hilobien aurrean izutzen ziren zaldiek. * * * Hiru egunen buruan etorri zitzaion Magdalenaren lagun bat, kontatzera. —Magda hil beharrean zen, joango zinela pentsatuz! Zaharra zure zain zegoen, aihotza eskuetan, ezkaratzeko ilunpetan. Egun santu osoa pattarra edaten eman zuen… eta joanda zegoen. Hilko zintuen, ziur… Esan dit ez gehiago bilatzeko, ez duzula gehiago ikusiko. Eta alde egiteko herritik; eskatzen dizun azkena dela… —Baina ikusi ere egin gabe? —Ikusi gabe. —Baina zergatik? —Ez du zuk jakiterik nahi. Baina ezin dizut gorde. Jakin behar duzu… Pentsa zenbateraino zegoen mozkor don Catalino, Magda zu ez hiltzeko eskatuz lurrera bota zitzaionean… madarikatu hark… bortxatu egin zuela! Erantzun ere egin gabe, Moises izan zen une hartan izutu zena. BETIGOSE —Borrokan seitzen bazue, zarta emango izuet! Bioi! Bai, bioi! Jatekoatik borrokan! Ezta zakurrak e! —Ama, bagrean hezurra kendu nahi zian anaiak! Senarrarengana itzuli eta amak ahapeka aitortu zion: —Min diat, Nemesio, ezer esatian. Bihotzian argi ikuste iat eskuka bat arroz eta bagre pusketa ez dila inor betetzeko lain. Gizonak ez zion erantzun. Haren pauso nekatuen zirti-zartak zoruko kanabera gainean entzun ziren. Gelditu zen, sorbalda emanez, begiak kanporantz galduta. Eltxo pila batek estaltzen zuen uren azpian geratu zen arroz-soroa. Ur-gain gisako batek estaltzen zuen azal guztia, gutxi arte arroz-buruak, bete-beteak, kulunkatzen ziren ibar haietan. Haurrak, eskuak arrain-koipez likistuta, jolasean hasi ziren. Emakumeak buztinezko lapiko eta mateak mugitu zituen. Hasperen bat atera zitzaion: —San Jazinto mattia, eta oin ze in? Nemesiori bost axola, berari zer. Emazteagatik eta mutikoengatik zuen mina. Ez zuten arroz-alerik. Chocotak eta tilingoak127 hegan zebiltzan ito beharrean ziren soro urmaelduen gainetik. Txistuek algara-itxura zuten. Noizbehinka txorimaloan geratzen ziren: neguko eguzkiak zilar-zantzuz janzten zuen arratsaldeko zerupean besoak altxatzen zituen bi makila gurutzatuz egindako piura tristea. —Txuiyak-e, etziuk txakur txiki bat e-maten. —Geyei galdu omen din, sootako ongarritan. —Eta uholde bedeinkatuok, dena itotzen. Uso baten intziriak entzun ziren. Zeruan, garai, koartza-talde bat pasa zen hegan. Ilunpea, lurruna balitz bezala, igoz zetorren urak hartutako lur eta zuhaitzetatik. Txabola zarpailak hondakin bat zirudien: lasto, kanabera eta makila beltz pila eta su kondar baten argi-printza. Igelak kantuka ari ziren. Txirrita bat, txirrioka. Nemesiok kea egin zuen, eltxoak uxatu nahiez. Ahoan zuen zigarro-muturrari txinparta-apurrak zerizkion. Bi mutikoek amari heldu zioten gonatik. Hamakaren lokarriak krak egin zuen, hirurak esertzeaz bat. Amaren esku latzak haurren burutxoetako ile kizkurretan murgildu ziren. —Hau izan da, ama. —Ez, ama, ez da egia; ne anaia izan da. —Zeu izan tza, Pepe. —Ez, ama, ez da egia, ne anaia izan da. —Ixo, mukizuok. Ez hasi berriz borrokan. Biyok izan tzate. Ta ez izan holakoak. Oso txarra a-ta jan-gosea. Ez dut tripazai izaterik nahi! Beira, kontako izuet… —Esan, esan. —Gosezkoarena kontako-zu, Zoila? –galdetu zion Nemesiok. —Bai. —Erne Zancudokin128: erdi kikila un ta bildurrez gaixotuko zaigun. —Bino hala, ikasi ingo itek. Zancudo, anaia txikiak, nahiago zukeen ez kontatzea… edo nahi bai, baina ez zuen entzun nahi. Dena ilun zen, gainera: urek gora egin aurretik hil zuten txerriaren eskorta eta jolaserako erabiltzen zituzten guadúak; hagatik zintzilikatutako zaku zaharrak; oiloen lotarako langak… oiloak zituzten garaikoak. Anaia biek amaren gonak estutzen zituzten ukabilez. Ondo-ondoan jarri zitzaizkion. Amak kontatu zien: —Behin batian bazen oso-oso urrun –uretan bera– emakume bat. Izena zun Maria Angula eta beti gosiak zeon. Eta gosian gosez, denetik iesten tzun: haraiya, arraya, arroza, fruta… zena zelakoa. Egun santu osua ematen tzun hortzei eraiten. —Oso gizena berko zun. —Hala da. Bino okerrena zen inoiz etzula nahiko be puskakin. Eta hala, bestenai heltzen zion, tripa hutsik lagako bazitun e. Senarrak e esana zion: «etzaitez holakoa izan, Maria Angula, halako batian zerbait txarra izango zu-ta, makurkeitan dabilenai, eozerta dela re, gertatzen zakon bezala». Hori esaten zion gizonak. –entzun ondo– makina bat aldiz, bere arroz eta bagre puska jan eta, afairik gabe utzi zulako, mendin arbolak mozten ibili ta geo, etxea itzultze zanin. —Kusi, ñaño. —Hitzat huen. Nemesio bera ere entzuten ari zen. Zeru nabarra jada erabat beltz egin zen. Lohi-kutsuz nahasiriko haize mehe batek sabaiko lastoei eragiten zien. Ipurtargi eta cocuya129 argitsuak saltoka hasi ziren mendiko ilunetan. —Esate nunez, Maria Angulak hainbestetan junazi zun senarra tripa hutsik lota, gizonak, azkenin, berotu eta esan zion: «Zuhaitzak bota ta etxea natorrenin, zuk jan tzulako berriz-e afairik ez bado, jo ingo zaitut!». Nemesiok ere esku hartu zuen: —Hortik hasi ber tzun. —Ez ireki geyo mokoa, bestela inoiz amaituko ez den ipuina izango deu-ta. Beno. Eta halako batin gertau zen tripakik erosi zizkola ibaiyan gora txalupaz saltzen etorri zen gizonai; eta hain ongi prestau zitun piperminez, biatzak miazkatzeaino goxua geau zikola. Senarrak bazekin tripakina, ta egun osua enborrak mozten pasa zun, hortzak ur inda zitula. Baina, zer gertauko? Eta gose-bertu beldurgarri hark etziola itxoin eta dena jan tziola, katuai re lapikua garbitzeko utzi be. —Eta gizona etortzin? —Itxoin! Jaten amaitu zunin, goatu zen Maria Angula senarran mehatxuaz eta ikatu zan. «Ta ze ingo ut oin? Birjina mattia, argi nazazu!» saten tzun. Eta zin iten tzun etzala berriz gosetien bekatun eroiko. Baina gaitza ina zeon. «Tripakiak jarri beharrin naon, bestela, senar honek hilko nain, otoitzeakun etortze anin». Oindik etzen beandu, bino hoi: etzun arrastoik, tripakik nondik atea. —Ta ordun? —Oin ikusko zue emakume maarikatuai buruatu zitzakona. Esate a gaitz bat ite un kristaua, ur lasterrian makila bat bezala joate ala bea bakarrik txar gehio eta okerruk itea. Eta Maria Angula maarikatua re altxa eta –isil-isilik, ezkutuka– jun tzan herriko errebalea; eta hilerrian sartu eta aztarrika hasi zen egun hartan lur eman tzioten hildako baten hilobian; eta tripak atera zizkon, etxian tripakik, pipermin eta guzti, prestatzeko. —Ama! –atera zitzaion dardarka Zancudori, gorputza gonaren kontra estutzen zuen bitartean. —Betigose maarikatu alena! —Hasiera batin dena ongi jun zitzakon Maria Angulai. Garbitu zun kristau hilaren tripajia eta prestau zitun antxintxika tripakik. Senarra etorri zenin, atera zizkon eta oso gustoa jan tzitun. «Miraria, hain goxua eon ta ne zatiyik pe ez uztia» –esan tzon–. «Saihetsak hautsiko nizkizun hala in bazenu! Eta oin, emaiazu uretako pontxoa, konpai Tutivén-eana jun ber baitut uztako lanak lotzea». «Etzaitez jun, gizona, beldurra emate it-eta bakarrik geatzia». «Ezer in ez dunak ez du ezen beldur ber! Ze beldur ta ze arraio!» Zancudok xuxurlaka galdetu zuen: —Ta bakarrik geatu zan? —Bai, bakar-bakarrik etxian. Izerdi hotz batek betetzen zuen haurraren bekokia. Begiak ikaragarri zabalik zituen ilunaren aurrez aurre: aurpegiaren kontra nabari zuen ilunpea. Sorotik sartzen ari zen. Zoru azpitik igotzen. Amak ez zuen dardarka sumatu. Berari ere amak kontatu zion. Guztiei entzun zien horrelakoak eta mila halako kontatzen. Atsegin zuen kontatzea. Ia ikusi egiten zuen esaten zuena. —Senarran zai, ohera jun tzan, bino begiak ez zitzazkon ixten. Mendiko soinu guztiak entzuten zitun: zapoak, mamorroak, txoriak… Astar batek gauerdia jotzeako, apur bat lokartuta zeon, bino hor non entzun zun urrunin zerbait zakar jotzen zutela: «tam! tam! tam! tam!». Zoilak ahots sakonez jarraitu zuen. Hil-danborraren soinua imitatzen zuen. Mutikoek arnasari eusten zioten entzuteko. —Gosekilak aitaren in tzun –«Jesus!»– ta bihotza ostikoka hasi zitzakon, lepotik ata beharrian. Atsaldian bino ikara handiyua zun oin; ongi zekin-da hildakuak izate iala, saihetseko bi hezur eabiliz, soinu zakarreko kutxa jotze utenak. Horratik, sartu zikon buruan bere bila zetorrela. Altxa zen, beaz, ta e tzanez behartsu-etxin bizi eta bere etxia ate ta guzti zanez, langa jarri zion; bota zion krisketa eta jarri zun traste pila. Izerditan geatu zen, uren kontra arraunin bino gehio. «San Jazinto mattia, promes ite izut Yaguachira jungo naizela, senarra azkar ekartzen baiazu!». Bitartin, ordia, mendiko ilunpetan geo eta hurbilo entzute zan soinu zakarreko kutxa: «tam!… tam!… tam!…». Zancudo airean igeri bezala zegoen. Hotz arin batek inguratzen zuen. Amak nabarmen sentitzen zuen soinekoari heltzen zion eskua, taupaka, bost chagüiz izuturen bihotzak balira bezala. Bazirudien mutikoa bera zela Maria Angula, soinu zakarreko kutxa jotzen entzuten zuena. Nemesiok, zergatik jakiteke eta bere baitan milaka eta alehunka arroz-ale zuri irudituz, ohartarazi zion Zoilari: —Etzazu jarrai. Baina Zancudok nahi zuen: —Jarrai, jarrai, ama. —Ba ordun etxe ondoa iritsi zen soinu zakarreko kutxa, gogor-gogor juaz. Eta bat-batin isildu in tzen eta gosetiak sudur-kutsuko soinu bat entzun zun: hildakun ahotsa zen –izan-e, diotenez, hala mintzo omen dia, eztarria harrez betia utelako– hola saten tzula: «Maria Angula! Maria Angula! emazu ontxe hilobi santutik lapurtu iazun tripatxua!». Ta hor ezin izan tzun gehio eaman gosetiak: sartu zan ohe barrenin eta koltxoiaz bildu zan; bino hildakuan ahotsa etengabe iristen zitzakon. Zoilak eztarria leundu zuen. Zerbaiten plisti-plastak entzun ziren ur geldietan. Zuhaitzak, haize epel eta tinkoak eraginda, kulunkan ari ziren. Hamakaren soka ere, habetik zintzilik, giza intziritan bezala ari zen kirrinka. —Karramarro-sorta bezala bilduta koltxoian, Maria Angulak hildakua sumatu zun atia bultzatzen; ta eskutako hezurraz oholak hautsi ta barrura sartzen ai zala. Geo, ia gela bertan entzun zun lengo ahots hua: «Maria Angula! Maria Angula! emazu ontxe hilobi santutik lapurtu iazun tripatxua!». Ta hildakua –eundoko indarra baitzun– koltxoitik tiraka hasi zen; ta Maria Angulak ohe parian ikusi zun luze-luze tente. Eta Pepek, anaietako handienak, jakin nahi izan zuen: —Ta nolakua zan? —Oin ikusko-zu. Ba be burua galduta ikusiz, gosetiyai hildakuakin solastia otu zikon, ea bitartin senarra itzultzen zan. Beitu zion, beraz, arpegira –ez baitzeon oindik ziharo burezur inda, ustelduta baizik zati batzutan eta hortzak aeriyan zitula–. Eta galdezka hasi zitzakon: «Hildako! Hildako! Zertako ituzu begi handi hoyek?». «Maria Angula! Maria Angula! zu ondo ikusteko!». «Eta zertako ituzu hain belarri handiyak?». «Zuri ondo entzuteko». Ta hildakua, bitartin, geo ta gertuo zon. Ta gosetiak e, be onetik ateata, galdezka jarraitu zun: «Ta zertako zu sudur hoi?». «Zuri ondo usaitzeko». «Ta ahotzar handi hoi?». Zoilari umetan kontatu zioten Betigoseren ipuina eta bazekien ez zegoela ondo kontatua, baldin eta, azken galderakoan, oihu handiz eta begiak zabal-zabal eginda, adi-adi ziren umeei bat-batean oihuka eta eskuez mehatxuka erantzuten ez bazitzaien. —«Zu jateko! !» –garrasi egin zuen, jauzi eginez. Eta aldean, hatsaldi batean, entzun zen: —Ai! Soinekoari dardarka heltzen zion eskua askatu egin zen. Zancudoren buruak irrist leun bat egin zuen hamakaren oihalean. Bat-batean beldurra sartu zitzaion amari. Susmoa izan zuen. Ohartu zen zerbait bazela. —Nemesio! Nemesio! Kriseilua! Piztu kriseilua! Seme! Seme! Zancudo! Ze gertatze-a? Hartu zuen besoetan mutikoa. Kriseiluaren argi horixka ezpaletan zatitu zen txabolako kanabera eta lasto keztatuetan barna. Zancudok, zurbil, sudurra zorrotz, ez zuen arnasarik. Begiak beira ilunezko bi bola ziren. Eskua, luze eginda, zerbaiti heltzeko keinuan geratu zitzaion. Nahasmendu eta lantuak pasatakoan, mutiko zaharrenak galdetu zion amari: —Zigorra izan da ezta, ama? Kendu nahi zian bagre-zatiyatik. KUMEAGATIK I Gelditu ziren elkarri begira. Mendian catacaoa130 kantan ari zen. Erosta-doinuen kutsua zerion kantari. —Maarikatua! Hegazti horrek zorte txarra zekarrek! —Ta gui ze? Jarraituko iau, Juantxo? —Ze ingo-a ba. Ez diau euna alferrik galduko. Arratsaldeko laurak ziren eta bazirudien gaua erori zela. Basa-mendia ebanoz jantzi zen. Bi tigre-ehiztariek belaunetarainoko estalkiak zeramatzaten. Cotonatan arantzak itsasten ziren. Juantxok behatzak estutu zituen ahotik kargatzen zen eskopeta-ertzean. Jarrai zebiltzan oinatzei erreparatuz, tigreak urrun beharko zuen oraindik. —Aaaj, bino gaurkuan harrapa ber diau. —Piztitzarra ber dik! Ta larrua! Gutxinez ateako iau… —Altxa! —Ze izan da? —Nik uste, hemen nunbait euki ber dula kabi-lekua. Begi-ziztak sumatu izkiat ontxe, hor, pikonduan. Haize-bolada batek, bat-batean, piztiaren apo-kiratsa ekarri zien. Belar handiek, bejucoek, orbel pilatuek ez zuten uzten ongi ikusten. Apuntatu zituzten eskopetak. —Hau izango ik be ezkutalekua. Tigria, ordia, etzeok. —Aja. Hemen baleo, kattagorriyak ihes ingo ziaten honezkeo eta coloraoek131 ez hituzkek kantuan aituko … Bino kusi itudan begitzarrak? —Kumiak! Goazak; kendu ingo zizkioau. —Baita zea re! Geo ama gure atzetik etortzeko etxeaino. Asenciok, ordea, ez zekien nolako gogoz zegoen Juantxo. Ezta berak ere: agian, emaztea joan zitzaiola-eta, aste osoa zaputz ibili zelako izango zen. Auskalo zer ote zuen. —Hara! –bota zuen– Gogua nin lendik e kume bat harrapau eta biberoiaz hazteko. Oin hobeto, bi izango izkiat: kume hau ta amak etxian utzi dian semia. Eta mendiaren punta hartan, Maria de la Cintaren oroipena piztu zitzaion. Polita, kizkur hura, bere bi ile-kordak sorbaldan! Gaztea: aurreko urteko uren sarrera-garai hasiera eta gero bakarrik atera zen berarekin. Bost axola joan bazitzaion ere. Gizona zen, barre egin ahalko zuen. Nor bere eskukoa da. Emakume-faltarik ez zuen izango. Baina haurra… oraindik bularrekoa zela uztea! Horrelakorik ez da egiten. Hil ere, hilko zitzaion etxekonekoagatik –Asencioren emazteagatik– ez balitz. —Kizkur alua! Nitzat ainakua balitz! Hartu zuen txotx bat eta hurreratu zen zuhaizpeko zulora. Azkar ibili behar zuten. Gaua gainean zuten. Goian, lurretik ikusi ezinik, cascolen132 eta errege-palmondoen buruak durundan ari ziren arratsaldeko haizeak eraginda. —Berriketa gutxiyo, Juantxo. Tigre amak ez dituk kumeandik urruntzen ta une batetik bestea gainian diau. Umatuta, axeia bino okerro duk tigria. Etzak, pa, holakoik in; gutxiyo gaur, catacaoak kantau diunian. —Kristaua re aberiak bezalakua balitz! Ta emakumia re tigre emia bezalakua balitz! Azal pikardatuzko kumeak begiak ixten zituen, zetozkion argi apurren dirdiretan. Luzatu zen, Juantxori hozka egin nahirik. Katua zirudien, jada atzapar-itxura zuten esku handi haiengatik ez balitz. —Beno, oin itzuli in ber diau. Ta korrika! —Goazak, goazak. Hik e baituk atealdik, Juantxo! Hiatik eunen batian oindik tigrian tripan utzi ber dizkiau hezurrak. II Arropak urratu zituzten sasietan. Luzea izan zen korrika-saioa mendian barna. Ehize-garaian lotarako erabili ohi zuten txabolara iritsi zirenerako, egunaren azken argi-errainuek oinetan igarotzen zen esteroa jo zuten. Izkirak saltoka ari ziren ertzetako ibai-uraza133 artean. Inguruari lur- eta belar-busti usaina zerion. —Eoskorra haiz geo, motel! Auskalo zetik nahi duan kume hoi harrapau. —Len e esan diat: biberoiz hazteko. Semiakin batea haziko iat, hala, handitzian, tigrian anaia esan tzaioten. —Honen amak diskurun harrapatzen baatxik, handi ingo ituk, bai, benetan, tigria eta tigrian anaya. Sua piztu eta charquia134 jan zuten. Zenbat gau eman zituzten hala, mendian! “Tigrero” izatea zen haien ogibidea. Tigre-ehizan ziharduten, eskopetak ahate-ehizako postaz kargatuta. Piztia lantzaz akabatu eta larruak saltzen zituzten. Ez zuten haragia jaten; noiz edo noiz, bihotza; besterik ez. Mendira beldurrez ez irtetearren egiten zuten edota pultsuak bat-batean huts ez egitearren. Hori omen, erremediorik onena. Lanbideak bizitzeko ematen zien. Okerrena, halere, zen tigreak gero eta urriagoak zirela; eta gero eta mendi barrenago bilatu behar zituzten. Haziendetako zaratak uxatu egin zituen. Buruhausteak! Egunen batean koartza-ehizan hasi beharko zuten… “tigrero”ak izaki! Herrixketako dendetan lumak ongi saltzen ziren. Maltzur hutsak badira ere! Erosle oro erdi maltzurra izaten da: txakur txiki batengatik negarrez hasten zaizkizu; emakumezkoak, gainera, tratuzale makurrenak. Eskerrak ez zutela irabazi-asmo handirik. Emazteari lapikoa prestatzeko adina emanez gero! Eta larunbatetan zurrut egiteko lain geratuz gero! III Zerua ikus zitekeen hostoek estero gainean uzten zituzten tarteetatik. Izarrak ñirñirka ari ziren. Mendia dar-dar batean zen: mamorroen kirrinkak, furrundak, hegadak, korrokak, karrankak… arnasestu-ahots bakarrean nahasten ziren. Lotako babeslekua habe lodi eta trinko gainean jasoa zuten. Ura berotu eta kafea hartu zuten, belarriak ernai, soinurik ñimiñoena sumatzeko. Solasean ari ziren, eskopetak eskura eta begiak mendira. —E neok loure. —Hobe. Zer ordutan azalduko ote zen tigre ama? Ongi zekiten, bai, etorriko zela. Ziur. Lehen asko berandutzen ziren. Bihotza taupaka zuten, zelatan. Ez zen beldurragatik, noski. Etorriko zen, hor nonbait hila ez bazen, behintzat; izan ere ordua zen. —Itxoinazi ite atxik, aluak, emakume harruak bino areo uk! —Etorri, etorriko uk. Oso urrundik usnatze izkitek kumiak. Itxaroteak eragingo zien denborari luze iriztera. Izarretatik, ordea, nabari zen ez zela berandu. —Hara, ikuste uk? Hasperenez beteriko mendiaren ahots anizkoitza isildu egin zen bat-batean; hasi zen berriro; eta berriro isildu zen. Isiltasun sakonaren hondoetan urruneko orro baten oihartzuna zabaldu zen. —Isilik etorri zaiguk alproja hoi ondoa –esan zuen Juantxok. Ondotxo baitzekien, tigreak nahi bezala egiten duela orro, muturra lurrari itsatsiz nahiz airera jasoz. Eta urrun entzutean, gertu delako izaten dela. —Maltzurra uk: emia ta zarra. Mendia isil-isilik zegoen. Tximinoak igota izango ziren, dagoeneko, adarrik garaienetara. Guantak ezkutatuko ziren jada zuztar azpietan. Txoriak kuzkurtuko ziren, nor bere ohatzean. Izaki oro babes bila zebilen. —Ontxe, Asencio. —Umm… Jauziak hondar-zakua bezala erorarazi zuen gorputza suaren erdira. Atzaparrak erretzean, marru beldurgarria egin eta beste jauzi bat egin zuen. Txabolatxoa, pospolozkoa bezala astindurik zebilen. Tigreak aurrez aurre eraso zien. Hain zebilenez azkar, ez zegoen nola apuntatu. Orain bola bat zirudien, orain biribilki nabarra, suaren txinparta ahulek argiztatuta. —Emaiok kumia, motel, jun dein. —Ez. Une beldurgarriak izan ziren. Abereak bere atzaparrak zoruko guadúei itsastea lortu zuen. Juantxok bularralde zuri eta bigunaren erdian egin zion tiro. Bertan erori zen. IV —Eamazak ehorrek larrua, etxian etzeukat-eta gatzik. Deitu iok nire amaideai launtzeko. —Nola ez. Eta in bezin auro deituko iat, goiz jaisteko herrira, saltzea. Etxe multzoa lo zegoen. Ez zen kriseilu bakar baten argi printzarik ikusten. Mareagora behar zuen. Haizean sumatzen zen. Behortegia baino harago, palmondo sailaren atzealdean, zerua argitzen ari zen. Juantxok Asencio utzi zuen. Saihetsaren kontra estutzen zuen tigre-kumea. Jadanik ez zuen hozka egin nahi. Lo zetorren. Gau osoa eman zuten tigre amaren zain. Oso berandu utzi zuten txabola. Tigre-kumea lo zetorren. Ez zuen, ez jadanik hozka egiten, ez. Gupidatu egin zitzaion. —Zertako hartu ote iat? Gainea, ama hil tzioat. Umezurtz utz-iat, neure semia bezala! Umezurtz! Semea ere umezurtza zuen. Maitea egin zitzaion ematxar hura. A zein itsusia zen etxea hutsik topatzea. Alu alena! Lehen beti itxaroten zion Maria de la Cintak, ahoa fresko eta eskuak bero. Norekin joan ote zen? Ez zion inoiz bizimodu txarrik eman. Hori bai, orain harrapatuz gero, akabatu egingo zuen. Ez bakarrik umea botata utzi zionagatik: gizona zelako! Igo zituen maila laburrak eta bultzatu zuen atea. Sartu zen, ilunpetan, gelara. Mutikoaren lotako txoko ingurua haztatu zuen. Eta bat-batean zerbait arraroaren zantzua izan zuen: norbait… Lapurrak ote? —Zer da? Zein da hemen? –egin zuen orro, eskuaz aihotzari tiratzen zion bitartean. —Neu naiz, Juantxo –entzun zen ile kizkurraren ahotsa. —Heu? Maarikatua! Putakumia! Heu? Nun hao? —Juantxo… itxoin… entzun… itzuli in naiz… Ez zuen topatzen —Maarikatu alena! —Hemen naiz… Hilko ninduzula banekin-e, itzuli in naiz… itzuli… Ez zuatik, semiatik bino… Ezin nun eaman. Ikusi ut… titia eman yot. Oin hil nazazu ta kitto. Emakumearen ahotsak, ordea, ilunpearen erdian apurtuta utzi zuen. Urraturik geratu zen. Zergatik izan zen hain putakumea? Zergatik alde egin zuen? Baina… etorri egin zen, mendian tigre ama etorri bezala. Emakumea, sarritan tigre emea lakoa izaten da. Eta Juantxo bera? Hil egin nahi zuen! Baina ezin zuen gau berean ama bi hil. Gorroto zion. Ez zen gehiago bere emazte izango. Ezinezkoa zen. —Maarikatua! Besoa zintzilik utzi zuen. Behatz hotz eta izerditsuak erdi irekirik geratu zitzaizkion. Aihotzak lurreko kanaberatan jo zuen metal-hotsez. GIZONA ETA IBAIA Matapaloren baten zarata izango zen burua itzularazi ziona, ibaian, goialdean, uretara erortzean. Urak puzten ari ziren lodi, nahasita zekarten lohiagatik. Baltsa gainean eginda zeukan etxetxoaren leihotik, Luis zerura begira zegoen –hori ere lohi itxurakoa–, ibai ertz ilunen gainetik. —Hara, Polibio, atera hadi eta hoa portura, lo egitera. Hemen gaua izorratua izango diagu. Haizea musketa eta kaiman usainez zetorren; hots, hori ere ur- eta lohi-usainez. Langileak, zihozko kandela bezain paludismo kolorekoa, totelka erantzun zion: —Ta beoi, nausi? Luisek sorbaldak jaso zituen. Begiek dir-dir egin zioten alai odol-bero aurpegian. Euri-tanta mardulek gero eta itxiago jotzen zuten sabai gainean. —Nik, diok? Nik ezin diat denda utzi. —Izan-e, len niyonez, goitik hola jarraitze bau euriyak, gau hontan baltsa-u jun ingo zaio. —Horregatik esan diat alde egiteko. —Ta beoi, ito ingo a! —Ez hain erraz. Ez dituk, bada, hiltzen bagreak eta guanchicheak! —Hoi atealdiya! Arraiyak dia-ta! —«Batek igeri badezake, orok dezake» ziok atsotitzak. Irribarre egin eta Luis aurrealdeko oholtzara atera zen: estalia zen, baina horma eta eskudelen ordez, zutabeak zituen. Inguruko lau haziendetatik eta auzune batetik etorri ohi zitzaizkion erostera. Hamaika mila sucre, ongi hornitutako salgaietan, pilatzen ziren apal-zokoetan: botilak, zakuak, latak, aihotzak, linternak… mendian baliagarri zen oro. Zurez egina zen eta zinkezko teilatuz estalia. Balsa-enbor lodi eta ongi kateatuek eusten zioten figueroa gorriz jasotako zoruari; hogeita hamar bikotek dantzan egiteko adina azalera zuen. Kalamuzko sokek lotzen zuten ur gaineko gaztelu hura ibaiertzaren muinetan itsatsitako guachapelízko lau zutoinetara. Ez alferrik, Zaínoa ibai beldurgarria zen. Ertzetan bizi zen jendeak izua zion. Mesfidati bizi ziren; arriskuengatik baino, haren arima gaiztoagatik. Lehorteetan egarti eta argal zena, alderantzizkoa eta ur lasterrez betea egiten zen euriak etortzean. Montubioak sinetsita zeuden nahita hondoratzen zituela batelak; errotik ateratzen, kafeondo eta laranjondoak; edo bidetik ateratzen, errekastoen ur-lerroak. Oraindik etorri berritan, zera jakinarazi zioten Luisi: —Gaiztua uk Zaínoa eta aspalditik duk halakua! Zaindu hai, zuri! Ibai hau –ta barka, konparatzia– zakurren pare uk, emia ohara denian: hozka ite ik, zaunka in aurretik! —Pertsona edo aberea ote dugu bada? —Hiriak in dik, txuritxo! Ze uste uk? Halakua uk ibai hau! Galde eozeini… ta entzun hau, gezurretan eo gauzak puzten nabilela esango bau re behorrek: Zaínoa alu galanta da. Haurdun uzte itu emakumiak: horreatik ez da emakumeik bainatzen; ezta ertzetan e, matea eabiliz. Eta jeloskorra da: gustukua dun andrazkoa ito ite-u eo kaimanak akuilatzen, senarrai… Baltsan emandako hilabeteek eraginda, erasan ere egin zioten zentzugabekeria haiek. Neguko egunsentitan aski zuen, zuhaitz beltzen artean, Zaíno uherrari begiratzea ubidearen berezko zabalera hiru aldiz handiagoa zuela jakiteko eta zubitarako erabil zitzakeen enborrak zeramatzala ohartzeko, edota montubioek egozten zioten arima gaiztoa sentitzeko. —Baina etzioat, ez gizoni, ez ibairi, ez deabruri utziko denda hau kentzen! –erabaki zuen Luisek arratsalde hartan, bere peoi Polibiok, larrua salbatzeko hanka egin zionean. Baltsako denda ibiltariari esker mantentzen zituen Guayaquilen ama eta arreba; irabazpidea ere handik ateratzeko asmotan zebilen, Alicia lehengusinarekin ezkontzeko. Horixe zuen bizi-jokoan zerabilen karta-sorta. Zein gizonek du beldurra, maite duen emakumea zain duela jakinik? Neskaren ile-korda arteko aurpegi argiak eta begirada beltz gozoak baieztatzen zuten, hitzik gabe, Luis ez zela kikilduko. Denboraletik ihesi zihoazen hegaztien oihua entzun zuen, ikusi ezin den ilunpe garaietan. Eutsiko ote zuten zutoinek? Ezarian-ezarian, baltsatzarra alboratzen ari zen. Zur zaurituaren arima intzirika hasi zen. Tximista ugarien hegadak euri-jasa bezain bortitz bilakatu ziren. Ura orroka entzuten zuen, ia itsaso-erresakaren pare. Bat-batean salto egin zuten apaleko botila eta latek. Zintzilik zen linterna dantzan hasi zen argi-ilunak pitzatuz. Zoruak ihes egin zion hanketatik. Baltsa erabat okertzen ikusi zuen. Tente jarri behar izan zuen, ez erortzeko. Ez zegoen zalantzarik: baltsa uretan behera zihoakion. —Zaíno madarikatua, horrelakoa hintzan, beraz? Jarraian, dendako anabasa hartan beldurtzeko moduko bizitzaz zebiltzan pote- eta pospolo-kaxa artean, Luis bizi-bizi erantzi zen. Bazekien aurrez egin beharreko joan-etorri bakoitza. Zutoinak erroetatik aterata egongo ziren, ziur. Ibaia lapurtzen ari zitzaion bere merkatu-gaietako hamaika mila sucreak, bere bizitza eta bere ametsak, hondoaren hondoenera eraman nahiez. Zoratuta bezala zebilen. Oihu egin zuen: —Heu edo neu, Zaíno. Erabat biluzik eta kalamuzko berrogeita hamar libera soka besoan hartuta, ur ilunetan murgildu zen. Beldurrak sabela estutzen zion. Baina Luisek argi zuen adoretsu izateko modu bakarra beldurra gailentzea zela. Mutikotan aitonari entzundako esakune hura zetorkion, errepika etengabean: «Jendea ez da alferrik galtzen sentitzeagatik, uzteagatik baino!». Zaínoaren urak olio hotz likatsua ziren. Sokaren ertz bat baltsaren habe sendoenari lotu zion. Tximistek surtan zeuzkaten urak. Igeri egitean, estropezu egiten zuen urak zeramatzan guanchiche, ibai-uraza eta zainekin. Tximista baten argitara, baltsa zabuka ikusi zuen eta ohartu zen ibai ertzeko lau zutoinak askatu zirela. Aurrez aurre ziren, orain bai, bera eta ibaia. Beldur guztiak joan zitzaizkion burutik. Ukabilen, besaburuen, sabelaren, altzairuzko bere izterren bultzadaz izan zezakeen aukera ñimiñoena baliatzeko premiak sutan zeuzkan Luisen begiak. Irabazten bazuen, ez zen izango bere kautxu gordinezko gorputzaren lorpena; adimenaren eta bihotzaren garaipena baizik. Ahapeka esan zuen: —Ointxe; denakin! Zaínoak, arima gaiztoko ibaiak, onartu egiten zion apustua. Kaiman usainetan zurrunbiloka zetozen olatuek oldartu eta inguratzen zuten. Iluntasunaren zorabiopean zegoen. Bere itxaropena izan zitezkeen ertzetako zuhaitz-enborrak, urrunegi ez, ezin iritsizkoak egiten ari zitzaizkion. Ito beharreko infernuak pasa zituen segundo batean. Hezur eta giharrak Zaíno traidorearen ubideko lokatzetan hondartuko zitzaizkiola onartzera ere iritsi zen. Halere, berrehun urteko laranjondo sendo bati bueltaka, kalamuzko sokak, tenkada burrunbatsu artean, baltsa gerarazi zuen. Luisen indarrak azkenetan ziren. Belaunak trokako lokatzetan markatuta zeuzkan. Ibaia, bere oinetan, moxal hezi berria putinka ari denean bezala ari zitzaion. Tximistak euri-tantak bezainbat erortzen ziren. Zitekeena, bai, agian, ibai hartan sortutako hazi misteriotsuek haurdun uztea emakumeak. Egia, baita, halere, gizon batek, hala erabakiz gero, aurrez aurre garai zezakeela Zaínoa. Korapilo lakar hura, gero eta estuago, aska ezina egin zen. Gero eta itogarriagoa egiten ari zen kaiman kutsuko lur-hatsa. Luisek jirabiraka zuen burua. Ironia apur batez, pentsatzen jarri zen zein oinarri hauskorren gain jasotzen den giza adorea. Buztinezko ontzi bat eskuetan hartu, gorputz-enborra eta burua jaso eta ahapeka atera zitzaion: —Gizakiak edozein abere garai dezake, baita arima gaiztoko ibaia bada ere! HAU DA MENDI-ITSASOEN IPUINA, ESPAINIA GABEKO INDIARREN ISTORIO BAT Behin batean, Guayas gaztea, leinuz huankavilca, oihanean barrena sartu zen, zaíno135 baten atzetik. Eta hain grina handiaz hartu zuenez ehiza, ohartzerako atzean utzi zituen, amildegiak eta esteroak, zingiradiak eta ibaiak, sabanak eta muinoak. Gezi-ontziak izter-saihetsetan jotzen zion; sutan gogortutako plazartezko uztaia ere eskuan astintzen zuen gauchapelízko gezi batekin, jaurtitzeko prest. Basakanabera-sailen edo errege-palmondoen enbor artetik garbi entzun zituen tximino isekarien garrasiak. Baita atseden hartzera gonbidatzen zuten perico ligeroen ahotsa ere. Zaínoa bera oihuka ari zitzaiola pentsatu zuen: —Harrapa nazak, ahal baduk… Harrapa nazak, ahal baduk… Haizeak, antxintxika, bekokiko kondor-luma zapaltzen zion. Luma hura, garai hobeetan, Andeetako Coyóctor-en136 bere geziz botatako kondor batena zen. Orain zaínoa zuen aurretik: orduez ohartzeke, begi-bistatik erabat galdu gabe, baina harrapatzen utzi gabe, piztiak bila zeraman atzetik. Ilunabarrean hotza sumatu zuen. Zaínoa desagertu egin zitzaion. Atzera begiratu zuen: jaioterriko yungako137 lautadetan Inti138 hondoratzen ari zen: begi odolduzko Inti etsaia. Saihetsa inguratzen zion tincullparen139 azpian, saltaka zuen bihotza. Han behean, mangle artean, itsasoa taupaka izaten den bezala. Ez zegoen beldurtuta: ezpain zulatuzko Guayasek, gizonen buruzagi dena ezin da beldur izan. Baina kezkatuta zegoen: haize hotzak, oihanik gabeko lurrek, harat-honat ibiltzen diren isats lodiko azeri ikaratiek ohartarazi zioten cañarien140 lurretan zegoela. * * * Guayas gaztea –nola ez– beste Guayas baten semea zen: buruzagi nagusi eta aginte handiko gizon harena. Berau izan zen huankavilca haien aurpegiak, gerrarako seinale gisa, gudu-achiotez141 estali zituen aurrena, hegoaldeko Inkak eskatzen zuen orein-, espezia- eta neskatxa-zerga ordaintzeari uko egin ziotenean. —Ez dugu Quiton den bekoki berdeko shiriaren142 esanik egingo, ezta Cusco eta Tomebamban den bekoki gorriko Inkaren agindurik ere. Zer eskubide dute gu, itsasotik ateratako gizakiok, mendean hartzeko? Haien Inti edo Quilla143 gurtzen ote ditugu bada? Gure jainkoa iparraldekoa da: Vizcilipuztli144 du izena; gerraren jainkoa da eta gizakien odola edaten du, Thlaloc145 jainko guztiak bezala… Ene seme-alabok, aska gaitezen Inkaren uztarpetik. Eta ibai zuri handiaren iturburuetako ur tantak bezainbat urte bazuenez eta sabanako katagorrien pareko ilajea, bildutako leinu guztiek onetsi zuten Guayas zaharrak esandakoa. Harrizko idoloak dituzten chongónek146 eta guayacánezko lantzadun dauleek147, mangleetako huankavilca beldurgarriek eta burutik oinetara achiotez janzten diren chonana148 odolberoek eta almadiaz ibiltzen diren golko urdineko puná149 uhartetarrek borrokarako bilkura egin zuten mila urteko ceibo150 baten gerizpean. Han elkartutako gudarien irrintzia beldurgarria izan zen eta goizak lehenik pizten dituen gailurretako elurrek dar-dar egin zuten izotza kraskatzeraino. Kaleak jendez lepo dituen Tomebamba inperialak ere dar-dar egin zuen. Berria inken bideetan barrena zabaldu zuen kitxuar konkistatzaileak Tahuantinsuyo151 osora. Cusco betierekoaren gaineko dorre zurietan, amauta152 jakitunak, aintzira behinenetik sortutako wari153 handien semeak, galdezka ziren, aimaren154 hizkuntza astunean: —Zein dira basatiok, esaneko ez egiteaz gain, inperioko bakea nahasten ari direnok? —Lur beroetako tribuak dira: Tomebambatik mendebaldera bizi direnak. Iparreko gizakiak direla diotse eta jatorria, diotenez, maietan omen dute: bi itsasoen arteko lur-mihia baino harago bizi diren gure senideetan. —Quitoko shiriek, gure etsaiek, duten uste bera? —Bai, baina Quitokoak ez bezala, hauek basatiak dira; beren esku bizi dira, kipurik155 eta ayllurik156 gabe. Ez dituzte lurrak lantzen. Eta hiriak, guk ez bezala, amautarik gabe dauzkate… —Ezin dira gure senide maia jakintsuen oinordeko izan. —Quitokoak, halere, bai, laster Tahuantinsuyoren mende egongo baitira, cañariak bezala. —Basatiak izanagatik, huankavilcak ere inkaren indar garai ezinaren menpe jarriko ditugu. Lainoak igaro ziren dorre zurien gainetik: ezkutatzen ari zen Intiren argiz jantzi eta ama Titikakaren haize firfirak bultzatzen zituen laino gorriztak. Amauta jakintsuenek, ordea, ez zituzten iragarpentzat hartu. * * * Gau hartan Guayas gaztea atxilotu zuten cañariek. Gorputz-atalak cabuyaz157 estutu zizkioten eta kondor-luma kendu, bekokitik. Yunga beroko gizona zen eta, mortuan zehar inkaren gudarien erdian loturik zeramatela, haragian sartzen zitzaizkion hotzaren hortzak. Egunsentian Tomebambara iritsi ziren. Guayas irainka ari zitzaien atxilotu zutenei, epaituz: —Kanpaleku handi, beldurtien bizitoki! Eta Guayasek cañarien hizkuntzan hitz egin zienez, besteek zera ihardetsi zioten: —Cañariok Tahuantinsuyoren zibilizazioa daukagu; hiria amautez gainezka dugu. Huankavilcak basati-multzoa besterik ez dira. —Gizonak emetu egiten dira, bizitzeko kanpaleku egonkorretan ixten direnean! Cañariak Inkaren esaneko kitxuarren morroi dira! Cañariera utzi egin beharko dute! Nagusien aimara ezarriko diete! Jakintsuak izango dira, baina ez gizonak! —Itxi zak zakur-ahoa, runa158 kirtena! Hiri handiaren zaratak zorabiatu egiten zuen. Gizon-emakumeek llamingo159-ilezko soinekoak zeramatzaten: bera biluz zegoen, achiotez soilik estalia. Herri xumea biltzen ari zen etsaia ikusi-minez. Inken kobrezko armek eta gudu-tresnek diz-diz egiten zuten eguzkitan. Merkatuetan patata, motea160 eta lur hotzetako fruitu usaintsuak pilatzen ziren. Huankavilcak ahapeka ziotson setati: —Kanpaleku handi, beldurtien bizitoki! Hiriko gobernadore inkaren alabak jauregi aurretik zeramatela ikusi zuen preso zakar hura eta maitemindu egin zen hartaz. Inudeak lagunduta, ile-korda luzeko zaintzaileak erosi zituen, ziega ilunera sartzeko, gertutik ikusi nahiez. —Intiren alaba, zer nahi duzu? Neskak aimaraz erantzun zion. Huankavilcak ez zion ulertu. Baina ahotsaren doinua bihotz muineraino sartu zitzaion: ahots fin eta goxoa zuen eta inoiz entzun ez zuen ahoskera. Eta arroxa zen, hodeien haragia bezala Intiren jaiotzakoan. —Zure zori txarrak gupidatu nau. Horregatik etorri natzaizu. Cañarieraz erantzun zion: —Ez dizut ulertzen. Hitz egizu, baldin badakizu, iparreko hizkuntza batean. —Triste al zaude kartzelan? —Sutan nago: lur beheretan bizi diren itsasoko gizonek hartuko dute nitaz mendekua. Haietako bat naiz: itsasotik ateratako gizona. —Eta zer da itsasoa? —Itsasoa… —Zer da? —Urdina da: nire baltsa itsasoaren azala ebakiz lihoakeen alaba bezala da uretan; nire arrauna, ezpata bezala. Itsasoa ama da. Laztanka edota marmarka izaten da. Ertzetara mangle-lore horiak ekartzen ditu. Haren altzoan lo hartu nahi nuke! Ahoa haren gozo mikatzez betea eduki… Neskak burua jaitsi zuen, begiratzeko. —Nik ere maite dut itsasoa. Ezagutu nahi nuke. Ihes egin dezagun. Eraman nazazu. Maite zaitut… —Zuk ni maite, etsaia izanik? Zuk ezpain zulatuko Guayas hau maite? Zuk, azal zuriko cañari horrek? Isekaz zatozkit, Intiren alaba? Ez dakizu hil egingo nautela? —Ez nator isekaz: maite zaitut. Nahiago zaitut kobrez estalitako edozein gudari inka baino, edozein barbaro belarri-handi baino. Maite zaitut. Eta gau beltzaren erdian, urruneko mendi-elurrak besterik zuri ez diren gau batean, ile-korda luzeko zaintzaileak engainatuz, biak ihesi joan ziren. Tomebamba inperialak, muino arteko arroan kokaturik, elurrezkoa zirudien haien atzean. Haizeek jotzen zituzten mortuak zeharkatu zituzten. Mendien isuri hotzak jaitsi zituzten. Amildegi eta leizeak gainditu zituzten. Arratsalde batean hondoa harrizkoa ez zuen ibaiaren ertzera heldu ziren: ur ilun geldoak zituen. Han hasten ziren oihan beroak. Aho biko harrizko aizkora egin eta enborrak bota zituen. Zapán lodiz lotu zituen. Eta ibaian behera abiatu ziren biak baltsan. —Beroa, Intiren alaba. Sukarra duzu? —Sukarrez nago, itsasoagatik eta zure alboan egoteagatik, itsasoaren seme. Egunak eman zituzten ibaiak astiro zeharkatzen: lautadako lur malguetan ubideak irekiz, gero eta zabalagoak ziren lur beroetan. Guayasek kaiman erraldoien aho sendoak, tigre motadunen buru motz zarpailak, sobrecama161 bilduen larru latza, iguana pozoitsuen burua eta equis rabo de huesoen lepo malguak kolpatu zituen. Ontzia zurrunbiloetatik eta kontrako uretatik gidatu zuen endai-zabaleko arraunaz. Eta, azkenean, ibai zuri handira atera ziren. Huankavilca arrantzaleen tribuekin elkartu ziren. Baltsak atzean utzi zituen mangladiak eta gazteak punáen uharte ondotik igaro ziren. Guayasek besoa luzatu zuen eta, xalotasunez, betiereko itsasoa erakutsiz, hauxe esan zion betiereko mendiak besterik ezagutzen ez zituen neskatxari: —Hauxe da itsasoa. * * * Hau da mendi-itsasoen ipuina, Espainia gabeko indiarren istorioa USAIN GALKORRAK —Gonzalo! Gonzalo! Zatoz! Nesken jantziak, argi-itzal mehe hartan, garden ageri ziren. Hemezortzi urteko Maria Teresagandik hasi eta sei urte baino ez zituen Maria Ligia arte, zazpi tutu lerdeneko zanpoina baten gisako ilara osatzen zuten. Alde batera egin nion liburuari, leihoko kristaletik begiratzeko. Zuhaitzak errainu lilaz inguraturik zabaltzen ziren. Ireki nuen balkoia. Kanpoko hozkirria mila lurrinen aireaz zetorren, mendarenaz bereziki kutsaturik. Ertzera atera nintzenean, lehengusinek lorategitik deitu ninduten. —Gaugiro aparta dugu, Chalo: jaitsi! —Orain ez, zazpi antxumetxuok! –erantzun nien– Irakurtzen ari naiz. —Zatoz, goazen ibaira, afaltzera deitu aurretik. —Benetan ariko bazinete, jaitsiko nintzateke… —Laguntzen badiguzu, piper egingo dugu. Ikusiko. Amonaren baserrian ginen, ohi bezala, oporretan. Maitea zitzaigun txiki-txikitatik capulí-162, lorategi-, abaraska-usaina zerion etxe hura, hirustazko erreka-ertzak zituen errotaren zabalgunea… Merezi zuen, iruditu zitzaidan, tarte batez irakurraldiaren mundu magikoa ibaiagatik uztea. Ahots berria altxatu zen txantxaka. —Eta fidatu egiten zara emakumeek promestutakoaz? —A, horretan zarete? Orduan ez naiz joango. —Ez diozu, bada, Eva odol-hotz horri kasu egingo! —Ez erreguka hasi! Joango gara, Ama Doloretakoagatik, alafede! Begiak itxita ere, bereiz nitzakeen nire lehengusinen ahotsak. Erakargarria zitzaidan, erreka bera baino areago, mintzo zitzaidan neskatoa: Maria Estela, neronen hamahiru urte berak zituena. Egun berean eta guzti jaio ginen, ia ordu berean, gainera. —Ilargi betea zuritzen ariko da errekaren beste ertzeko sigsia163… Bazekien Estelak gustukoa nuela, oso, erreka. Ezagunak zituen nire mainak. Ongi zekien –bai ote?– aurrena bera zela, nire ustezko apaiz-bokazioarekiko lehian. Agian, gainera, biok genekien bagenekiela. Atera nintzen gelatik eta saltoka jaitsi nituen mailak. Zeharkatu nuen atondo iluna eta atera nintzen aire zabalera. Lorategiak, belarrak, aireak, neskatilek eta arrosak –guztiek– menda-usaina zuten niretzat. Lehengusinak, nire begi berrizaleentzat, agerkunde baten pareko ziren. —Horrela, hain isilak, Grial Santuaren aingeru guardakoak zinetelakoan nengoen. Maria Evak trufaka erantzun zuen: —Celeste bai jar dezakezula aingeruen artean, santatxoa delako; edo Ligia ere, txikitxoa delako; ez, ordea, Estela, carishina164 da-eta; ezta Remigia ere, handia izan arren, oraindik ohea bustitzen baitu. Are gutxiago Zoila, chola-itxura horrekin, deabrua bera ematen duelako! Zoila hau neskame indiar txiki bat zen: ilea motz ebakita, cocola165 bat. Remigia, bat-batean, eztena sartu baliote bezala atera zen: —Ezta zeu ere; armairutik pioquintoa166 lapurtzeaz gain, mojekin txutxu-mutxuka ibiltzen zarelako! —Isil zaitezte, zuntzunok! –moztu zuen Teresak– Goazen azkar ibaira. Abiatu ginen korrika baratzean barrena. Eskutik helduta gindoazen, arnasestuka, alai gauagatik eta gure urte laburrengatik. Jaitsi genuen bidezidorra. Txaboletako argiak ezkutaketan zebiltzan enborren artean. Eskutadaka bezala sakabanatuta, ninacuroek167 argitxoz beterik zeuzkaten orbel arteak. —Hau menda-usaina! Sumatzen? –galdetu zuen Estelak. Teresak itoka erantzun zion, korri egiteari utzi gabe: —Pila dago. Amonarenak dira. Berak landatu zituen… * * * Tamaina guztietako harri pila –biribilak nahiz zapalak, leunduak edo goroldiotsuak– zuen hondartza-bazter batera atera ginen. Estela isildu egin zen. Haren urratsak eta nire bihotz-taupadak batera zihoazen. Erakargarri egin zitzaidan… inoiz baino gehiago, inoiz baino bizkorrago. Bat-batean nigana itzuli zuen aurpegiaren harzuri zoragarria. —Gonzalo, zer da Grial Santua? —Jose Arimateakoak gure Jaun Jesu Kristoren odol santua jaso zuen urrezko edontzia; Espiritu Santua ere irudikatzen du. Jainkoak lur honi utzitako seinalea, ideala… –esan nion apur bat nahaspilatuta, azalpen garbirik ematen ari ez nintzelako susmoaz. Ibaiaren betiereko doinuak ilunpeetara bultzatzen zituen apar multzoak. —Zein liburutan irakurri zenuen Grial Santuaren hori? —Mahai Biribileko Zaldunak izeneko batean: Arturo Erregearekin batera, hura berreskuratu nahiez, bila zebiltzan hamabi gerlari ziren. —Nortzuek zeukaten bada? —Mairuek… edo fedegabeek. Baina hobe, Estela, emango dizut, zerorrek irakur dezazun. Mendaren usain gozoa gero eta nabarmenagoa zen. —Hau gaua! Uztail betean gaude, oporren erdian! –bota zigun Teresak, harri handi batean eseriz. Atzera egitean, xala askatu eta bularrak jaso zitzaizkion, jantzitik atera nahiez bezala. Zorabiatuta, beldur nintzen haiei begiratzeko bekatuagatik. Barrena arindu nahiez, urrian garbituko nintzela pentsatu nuen, eskolak hasi aurretik aitortzera joanda. Eta Estelaren bularrak nolakoak ote ziren? Ez baitziren horrela oldartzen! Ia etsipena eman nion neure buruari nire gaiztakeriagatik. Handinahizko irrikak eraginda, harropuzkeriatan hasi nintzen: —Grial Santua oraindik lurrean balego, haren bila joan eta borrokatuko nintzateke berreskuratzearren. Teresak, begiratu batez, agerian utzi ninduen: —Orduan, zer izan nahi duzu: soldadu ala apaiz? Galderak nahasita utzi ninduen. Ikusi ez arren, Estelaren begi gozoak sentitu nituen jakin-minez eta liluraz beteak. Haize fin batek kulunkan zerabiltzan eukalipto, haltz eta intxaurrondoen adaburuak. Bat-batean, ohartu nintzen menda-usain gozo hura Estelari –ileari, ahoari, gorputzari, jantziei– zeriola. —Ez dira baratzeko belarrak, zeu zara menda-usaina duena! —Lehen orri batzuk mastekatzen jardun dudalako izango da… Jaso nituen begiak lehengusinagana eta berak, lotsarren gorrituta ere, begiradari eutsi zion. Teresak barre txikiak egin zituen, zergatik esan gabe. Gero jarraitu zuen: —Ez da mastekatu dituzun orritxoengatik bakarrik… denok dugu geure-geurea den usain bat; eta zuk, Estela, beti duzu menda-usaina. —Ez dut deus sumatzen, ñaña168. Zuri, ordea, beti darizu banilla-usaina… Usna iezaiozu, Gonzalo, ilea, aurpegia, belarria. Hurreratu nintzaion eta, ustekabean, nire masailak Teresarena ukitu zuen. Egia: banilla-gandu sakon beroa zerion. Yungetako haziendetan diren arboladi beroak gogoratu zizkidan. Maria zen nire zazpi lehengusinetan handiena: luxea, bejucoaren pareko gerria, ezpain pipilduak eta kanelazko azal urreztatua. Baina Teresaren usainak odola berotu zidan. Erakargarria egin zitzaidan. Gonak jasota, inoiz erreketako ibiak zeharkatzen ikusi nituen neska indiarren izter lodi, leun eta ilunak gogorarazten zizkidan; edota, gerritik gora arropak kenduta, bular lodi beltzaranak eguzkitara, erreka-ertzetako harri labainetan arropa jotzen zuten lixiba-ginak. * * * Egiaz, hain ote nuen amarena nire apaiz izateko promesa? Harengandik jaio zitzaidan, zalantzarik gabe. Baina nire grinak, nire erabateko eskaintzak egiteko irrikak, nire burutazio eta irakurketek neure-neure egin zuten ia-ia berez. Gogoan dut apaiz izan nahi nuela santu izatera iristeko. —Santutxoa! Handitan santu txikia izango da eta mirariak egingo dizkigu… —Poxpolina! San Luis Gonzaga bera dirudi! —On puska! Aingeruen ñaño txikia! —Eta nolako debozioz otoizten duen! Ez dago horrelako besterik! Larunbat goizetan, eskaleek nire limosnak jasotzean, etxeko atarian botatzen zituzten lausenguen soka luze horrek eragina zuen niregan. Ez ninduten harropuzten. Mistizismora eramaten ninduten baizik. Neskameek beraiek ere horixe berresten zuten: —Salbea errezatzen entzun diote! Nolako debozioz! Andre Mariarentzako jaiera du. Oheburutik Ama Birjinaren irudi bat nuen zintzilik. Leonardo da Vinciren «Hostiaren Ama Birjina» koadroaren kopia bat. Nire amaren irudi edertutzat nuen. Liluretan jartzen ninduen oheratzean eta pozarren, esnatzean. Aurpegi hura, niretzat, froga bizia zen munduan garbitasunak eta duintasunak tokia dutena. —Agur, Erregina, ama errukiorra… Bost urte nituela, eskeko agure indiar bat ikusi nuen. Astebetez ia ezin izan nuen lorik egin. Berbetan niharduen. Horregatik, aurpegi koipetsua, zornez beteriko zauriak, zorriak eta tonto-begirada zituen arren, ez nuen onartu asto, ardi edo zerrien moduko aberetzat hartzerik. Segituan ikusi nuen herdoil hark ez zituela eskaleak soilik jaten. Indiar guztiek egoera bera bizi zutela baizik… hori bizitzea bazen: lurrezko txabolak, arropa zarpailak, gosea, lanaz leher egindako txikitxoak. Kapelagileak begietatik odola zeriela eta besteak ahotik jaurtitzen… nire amesgaizto bihurtu ziren. Nork, Jesus Jaunak eta haren Ama Santisimak baino, sendatu ahalko zuten, beren aurkako biraoa zen gaitz hura? Aita Mortier-ek Maria Estela eta bioi batera irakasten zigun irakurtzen. Txokolatezko gozokiak eta santu-santen irudiak ematen zizkigun. Polinesiako eta Afrikako gizon eta emakume basatiak biluzik bizi zirela esaten zigun, inork ez zielako kristau fedea hots egin. Hari esker jakin genuen bi poloak izoztuta daudela eta urte erdian egun argiz direla eta bestean, gau beltzean. Bene-benetan, nik santu izan nahi nuen. HARAT-HONAT, AZKENEKOZ Herrira sartu aurretik, errepideak zubi bat zeharkatzen zuen. Behean, amildegiak bideratuta, ibaia zihoan. Heinrich baranda-ertzetik begira jarri zen. Behera botatzeko burutazioa bazuen ere, ez zuen leizearen erakartze famatu hura sumatu. —Hau da Guadual? —Hauxe, patronsito; zubia pasata –erantzun zion indiarrak irribarre batez. Arreka ari zitzaion astoak ere, Heinrich-en aburuz, irribarre bertsua egingo zukeen. Norbaitekin hitz egitearren bakarrik galdegin zion. Ezagutzen zuen Guadual: ilunabar hotz hartan, eukaliptoaren kedar-usaina zekarkion teilatu gorri eta etxe zurizko herria. Begia kendu gabe jarraitu zituen une batez indiarraren tximajea, pontxo zaharkitua, orpoak… —Ni baino okerrago zagok hori! –pentsatu zuen berekiko. Eta ohartu zen, luzez ia espainiera hutsean ari eta gero ere, ez ziola alemanez pentsatzeari utzi. Kalexka-hasieran auto bat zegoen. Heinrich buruhandi ageri zen gurpilaren apaingarri kromatuan. Ile eta bizar nahasien artetik zurbil nabari zituen bekoki-masailak. Kalean sartzean, nazkagarriena zitzaion bainatu gabeko bere gorputzaren kiratsak jota utzi zuen. Zirikatzen zuen gose lotsakorra bezain jasan ezina egiten zitzaion. * * * Azken bi egunetan, Cuencatik atera zenetik, ez zuen ogi-puskarik eraman ahora. Guayaquilerantz zihoan oinez. Ekuadorra iristean, Cuencan jarri zen bizitzen, han bizi baitzen Walter Nussbaum, aitaren anaia, naziek agintea hartzean ihesi etorria. Ihesi atera zenean, bizikleta bat eman zion opari Heinrich-i. Hamasei urte zituen une hartan. Nussbaum-darrak, jostailuen industrian ziharduten aspaldidanik Nuremberg-en. Giro atseginagatik eta bakeagatik, Walter-ek gustukoa zuen Cuenca. Lantegitxo bat jarri zuen. Ongi zihoakion. Berak baino hogeita bost urte gutxiago zituen Rosita Heredia neska ekuadortarrarekin ezkondu zen. Walter-ek beso-zabalik onartu zuen Heinrich. Lana eman zion. Etxean hartu zuen. Hasieratik bertatik, ordea, ez ziren ongi moldatu. Heinrich-ek belarrietan zuen beti aitaren anaiak botatzen zion errepika amaigabea. —Ekuadortarrak baino okerragoa haiz! Indiarren parekoa! Ni ez edukitzera Ameriketan, goseak akabatu hintzen honezkero. Azkenean hautsi egin zuten. Heinrich isilik geratu zen. Walter oihuka hasten zitzaion ezagun guztien aurrean. Cuencan ziren beste judu apurren esanetan, izango zuen zerikusirik eztabaida hartan Nussbaum-darreneko zaharrenaren emazte gazteak. Cuenca berrogeita hamar mila biztanle eta ehun eliza katolikoko hiria zen. Juduenganako ezinikusia ez zegoen arrazari lotuta, erlijioari baizik. Eta Heinrich-ek ez zuen lana aurkitzerik lortu. Ez zuen alde egin, ordea. Lehendabizi, lanbide baten itxaropena zuen. Gero, sosik gabe geratu zen. Jateko, hala-hola saldu zituen estilografika, jakak eta frantsesezko liburuak. Alemanezko liburuak, alabaina, ez zituen inork nahi. Miseria gorria, nolanahi ere, azken hilabetean bakarrik etorri zitzaion. Bat-batean, lur jota geratu zen: ogirik gabe, aterperik gabe, piltzarretan. Heinrich-en txukuntasuna, irakurtzeko grina, emakumeei hain erakargarri egiten zitzaien inoiz erabat zabaldu gabeko ameslari-irribarre hura… dena pikutara joan zen. Ez edukitzez, kalerik ere gabe geratu zen, mukizuak atzetik etortzen baitzitzaizkion harrika: —Hara, hara gringo eroa! —Judua! Judua! Hik hil huen Jainkoa! —Beira, entzun nola ai den be kasa. Kankailu bati entzun zion azalpenak ematen: —Be lurretik bota izkiate Jainkoa hil tzutelako! Zubipe batean, hondarrezko ertz batean lo egiten zuen. Egunkari batzuez eginahalak eginda ere estaltzen, hotzak jota egoten zen. Poliziek uxatu egiten zuten. Ez jateak, izarpean bizitzeak eta bakardadeak apur bat itxuraldatuta zeukaten bere ustez. Arrazakeriak kaltetuetako bat izan arren, bere buruarekin haserre egoten zen, indiarrentzat, nahi gabe ere, zuen nazkagatik. Arratsalde batez, ogia saltzen zuen emakume indiar zahar batek atera zuen bat otarretik eta ama-begirada zabaletan bildurik eskaini zion. Espaloi ertzean zegoen eserita. Harri eta zur eginik, giza itxurarik ere hartzen ez zion aurpegi hartatik nola hala kendutako lokatzari erreparatu zion. Zalantza izan zuen. Salto batez zutitu eta korrika abiatu zen, ogia sabelean estutuz eta oihuka negar eginez, Karmengo auzoa, une hartan eguzkiaren urrezko itzaltze geldotan pausatua, gizonaren intziriengatik aztoratzeraino. * * * Guayaquil urrun geratzen zen bere oin nekatuentzat: Nuremberg hura edota zoriontsu bizi zen Aathenan Strasse 27ko etxea bezain urrun. Bere kalea, naziek izena aldatu ziotenetik, Rosenberg Strasse zen. Odol palastaz estalita zeuzkan oroimenean ihes egin eta Ameriketara etorri aurretik han bizi behar izan zituenak. Ibiltzeari ekin zionean, laborariei lagunduz ogia irabazteko ametsa zuen. Ez zuen, ordea, inork lan egiten! Izurri bubonikoak hondatu zituen landa-lurrak. Txabola hutsak besterik ez zituen topatzen. Zakurrek eta curiquingue169 harrapariek borroka-gai zituzten sarraskiak baino ez zituen aurkitzen. Gailur urdinen gainetik ke beltzezko mordoiloak altxatzen ziren: Osasun-Zerbitzua erretzen ari zen izurriteak jotako ukuilu-etxeak. Lanturuka eta mozkor, beren hildakoei lur ematera zihoazen laborari-taldeekin gurutzatu zen. Erostariek jan-edanean ziharduten. Eskatu balie, ziur emango ziotela. Baina Heinrich harroegia eta lotsatiegia zen eskean aritzeko. Ordura arte, gainera, lapurtzeko zirikadak baztertzea lortu zuen. * * * Guadualera sartuko zela erabaki zuen, azkenik. Kalexkan aurrera egin zuen. Belarra hazten ere entzun ahalko zen bakardade hartan. Mendi-lepoek, geldirik, zorabiatzerainoko hegan nabarmentzen zituzten hodeiak. Horma, itxitura, ate, argi ahul haiek… guztiek inguratzen zuten Heinrich, baraualdiaren errainu hauskorraren dardara-lainotan. Ubideak, murmurioka. Atsegin zuen Erdi Aroko erreken antza zekarkion Andeetako herrixketako errekastoen jarioa. —Alemania! Alemania! –atera zitzaion ahapeka. Alemaniagatiko larrimina herri horrek berak hil zion amagatiko nahigabeaz nahasirik bizi zuen. Zakur batek zaunka egin zion horma atzetik. Otorduaren beroa usnatu zuen. Kale batzuk barrurago, elizako kanpaiak ordua jo zuen. Harri oso astun baten pareko zerbaitek estutzen zion sabela. Hautsez jositako horma hotz bati heldu behar izan zion. —Jauna! Señorsito! Lagun iezadazu… Emakume bat zen txabolatik irteten: laborari ez-indiarra, chazo170 deitzen dioten nekazari horietakoa. Luzea eta zuria zen. Gona iluna zeraman. Zapi handi batez estaltzen zuen burua. Sorbaldan behera ile-korda luzeak erortzen zitzaizkion. Ahotsa dardarti atera zitzaion: —Jainkoarren! –Andrea, lagundu nahiko nizuke… Baina esan, zertan. Emakumea negar-zotinari eutsiz ari zitzaion: —Jainkoak ez du utziko zuri ezer gertatzen… Baina beldur bazara, hobe izango da ez… Heinrich-ek ia ezin zuen hitz egin. Jada ez zen ari dardaraz. Masailezurra zuen orain lotuta: —Ez izan beldurrik. Lagunduko dizut. Zer egin behar dut? —Senarrari lur ematen lagundu; arratsalde honetan hil zait. Bakarrik nago, bakarrik… Biok bakarrik ginen bizitzan. Nik, nik… ez dizut gezurrik esango: izurriagatik hil da… Emakumea gehiago hurreratu zitzaion. —Jesus! Baina zer gertatzen zaizu? Izurria duzu? Heinrich-i aurpegia gorritu ez bazitzaion, jadanik odolik gabe zegoelako izango zen. Hitz-totelka, gosea aitortu zion, oinez egiten ari zen ibilbidea… Emakumeak besotik heldu zion. Etxe barruan kandela gorrizta bat zegoen piztuta. Zihozko kriseilu batek hilotzaren burualde zorrotza markatzen zuen. Pilaturik, baina nahasteke, altamiza171 erreen usaina eta soineko zikin nahiz sukar-hats gordinena pilatzen ziren. —Zerbait jan behar duzu. Bestela, ez duzu indarrik izango. Ez, ez da eskatu didazulako: neurez eskaintzen dizut, ez ordain- edo limosna-legez. Pobreok lagunduko ez bagenio elkarri! —Ezin da dirurik hartu lur emateagatik, lurperatzailea ez izanik. —Nazka ematen dizulako? Ia izutu egin zen chola haren fintasun zuhurragatik. —Ez, ez da hori. Baina, egingo dut, andrea. —Nire izena Rosa da. Ez zara hemengoa ezta? —Nire izena Enrike da eta oso naiz urrutikoa. Hura halabeharra, andreak Walterren emaztearen izen bera izatea! Ez zion aipatuko judua zela. Pontxo batek estaltzen zuen, lurrean zerraldo zegoen gorpu sendoa. —Ez gara hemengoak; Cuencakoak gara. Horregatik ez dugu hemen senide eta ezagunik. Etorri berriak ginen chacratxo172 bat lantzera. Heinrich-ek ez zekien zer esan. Rosak erantsi zuen: —Zatoz kanpora eta hartu gure cucayotik173. Ilargiak, sekulakoa eginda, zeruan gora egin zuen. Rosak atariko lurrezko jarlekuan eserarazi zuen. Heinrich-ek astiro jan zituen arto egosia eta zezina. Bukatutakoan, zuloa egiten hasi ziren arta soroan, txabolaren atzealdean. Gizonak zuloa egin eta emakumeak erretilu batez ateratzen zuen lurra. Jatekoak eta ahaleginak beroa eman zioten Heinrich-i. —Sakon egingo dugu, zakurrak ez daitezen uxarrean aritu. Hildakoari atseden eman ziotenean lurraren eta txotxez bertan egin zuten gurutzearen azpian, egiteko guztiak burutu eta gero, gauaren isiltasuna erori zen –berdexka, bubonikaz jantzita– bien gainera. Une hartan elkarren beldur zirela zirudien. Heinrich-ek agur esan zion. Hurrengo herrira zihoala. Agian biharamunean trena hartzera iritsiko zen. Eskua ematerakoan, Rosak semaiko batzuk pasa zizkion. Ezin ziela uko egin pentsatu zuen Heinrich-ek. Ilargiak argi-errainu zurbila egiten zuen Rosaren bekokian. Neska ekuadortarretan hain gustukoak zituen begi beltz mindu haiek ume izutuen eskaria igortzen zioten. * * * Ibilian, herria zeharkatu zuen. Bakardadeak ia durundaka zekarkion belarrietara lanturuen oihartzuna. Itzuli eta Rosari eskatuko zion utz ziezaiola atarian etzaten. Elizak ordua jo zuen beste behin. Heinrich-ek gailur garai batean bezala sentitzen zuen bere burua. Egia: indiarrak baino okerrago zegoen. Oinazearen aurrean, ia aberetzat jotzen zituen. Bera ordea, jazarpenetan ere, espirituzko bizitzadun gizakia zen. Barneko solaskideak, ordea, isekaz erantsi zion: —Eta judu zerri bat! Ez zen oroi Cuencako mukizuen irain inozoez. Nazien ahots pozoituen oihartzuna zen belarrietan lehertu zitzaiona. Pozoia hitzetan baino, hitzon soinuan zeramaten. Haiekiko belarri-mina ez zen gizatiarra, ezta aberetiarra ere. Karkaxazko euri-jasa baten marmar zabala oroitarazten zioten. Edota mikrofono batek mila aldiz areagotuko balu bezala, milioika bakteriok harren antzera egin zezaketen borborra. Ez zekien Heinrich-ek zergatik, baina ahots haien artean, emakumeenak ziren okerrenak. Argi-ziztak izututako saguzar pilaren kirrinka madarikatuak bezala karraskatzen zuten. Gorrotoak jotako algara haien artean, ikasketa-lagun zituen eta amazona nazionalsozialista egin ziren neska batzuena nabarmentzen zitzaion besteena baino likitsago: Elsa Loeve, Amalia Schmidt, Frida Stein… Koru hura, hitzez hitz, belarrietara amiltzen zitzaion. Bazekien, ordea, buruko hezurrezko horma artean jaiotzen zitzaiola. Gehiago jan beharko ote zuen? * * * Plazan –hainbat tamainatako galtzada-harriz egindako dama-jokoko taula hartan–, ilargirantz jasotzen zen harrizko eliza, ilargi berezko harribitxi izoztu galant baten pare. Argi eskaseko denda baten aurrean zegoen eta hara sartu zen. ―Erosiko dut… Ea… –eta Rosak emandako semaikoen bila hasi zen poltsikoetan– Erosiko dut erreal eta erdi ogi. Choloak, erdi lo, erakustokiaren atzean zutik, kaxoi bat zabaldu zuen. Eramangarriagoa zen hotza han barruan. Gantzagi kerratuaren kutsua zerion bonbilla zikinari. Sartzerakoan, ate ondoan eserita zegoen emakume baten ondotik igaro zen. Zapi handi batek estaltzen zuen eta azpian babesten zituen eskuak. Entzun orduko, bat-batean altxa zen emakumea. Goitik behera begiratu eta kezkazko irri zuriz galdetu zuen: —Zenbaten ogia esan du? —Erreal eta erdi –argitu zuen saltzaileak. Atzea eman eta atera egin zen emakumea. Hartu zituen Heinrich-ek ogitxoak, izoztuak bezainbat gogorrak, eta atarira irten zen astiro. Pontxo baten hegadak eta sorbaldatik eusten zion esku batek harrapatu zuten. —Hi al haiz judua? Pontxopeko gizonaren kiratsa hain zen pattarretan bustia, su hartuko zukeela aho parean pospoloa piztu baliote. Heinrich astindu batez libratu zen. —Zer? Zer gertatzen da? Zer nahi duzu? —Esan! Nor haiz! —Eta zuri zer axola? Une gutxiren buruan, hogei bat morroi zituen inguruan. Emakume eta mutiko gazteak, gehienak. Mutur zabal beroko pontxodunak atzaparrak jarri zizkion berriro gainean. —Oin ikusko zue froga! –oihukatu zuen, pilaka, gero eta handiagoa zen taldearentzat– Ia, esan egiya: zenbaten eosi uk Mañorenean ogiya? Galdera, pontxoduna, taldea… denak amets gaiztoa ziruditen Heinrich-en begietan: goseak eragindako zorabioa agian. —Zer nahi duzue, baina? Utzi bakean! Ez dut inorekin sesiorik nahi. Zer duzue? —Zenbaten eosi uk ogiya? –jaurti zion besteak, astinduz, belarrira. * * * Udaberri batez, baziren bost bat urte, unibertsitateko igerilekuan, Elsa Loevek, barreka egon ezinik, zapladak ematen zizkion eguzkitan belztutako sorbalda-saihetsetan: —Bai indartsua zarela! Hain zen zuria Elsa, begiak itxiarazten zizkiola. Modako bainujantzia zeraman: bularretako eta pantaloitxo arinak, puntu gorrikoak. Bai indartsua zela, egiaz, garai hartan! Eta nola hondatu zuen miseriak! Baina Elsa nazia zen! * * * Eta lehertu egin zen: —Hi, kaiku! Hamabost xemaiko-ogi erosi diat, eta zer? Besteak pozez salto egin eta zoruan ostikoka hasi zen: —Ha hor! Ha hor! Jainko mattia! Entzun tzue? Bea duk –zioen oihuka, malko-algaraz, keinuka. —Bea da! –errepikatu zuten berrogeita hamar ahotsek aho-batean. Taldearen hatsak aurpegian jo zion Heinrich-i: arratsalde hartan bertan garbitu gabeko bere gorputzean higuingarri egin zitzaion piztia-kirats berbera. —Bea duk! Eskuak mehatxuka ari zitzaizkion, soroetako galburuak bezala. Aurrean zituen, azal bizitan emandako hozkada bat adina gertu eta mingarri, zuhaitzek izerdia eta gizakiek odola bezala, oinordetzan hartutako amorruak itxuragabetuta zituen aurpegi ubelak. Minik eman gabe –bitxia–, harri-koskor batek jo zuen bularraldean. Bekokian listukada bat lehertu zitzaion. Pontxodunak sorbalda askatu, eskumuturretik heldu eta, besoa okertuz, ahuspez bota zuen lurrera. Astindu zituen hankak eta sorbalda gainean etzanik geratu zen; zerua handi eta urrun ikusi zuen… giza adimenak ezin pentsa adina urrun. Ostikadak, harri-koskorrak, listukadak eta oihuak nondik-nahi erortzen zitzaizkion. —Oin bai mendekauko gula Jesu Kristo gure Jauna! Harria! Harria! —Hil tzagun judua. Eta Guadual, hola, herri beinkatua izango uk! Dendako etxekoandreak, zapia kenduta, arnasestuka, Heinrich-en aurrean astintzen zuen ukabila: —Argi ta garbi, Jainko mattia, seinale guztiak: beak dakar izurria, huahuak174 galtzen ai zaizkiu, zeruetan planeta ageri da eta poltsikoan errial bat t’erdi damatza beti! Bea duk! Harrapau diau judu maarikatua: Jauna earri zenin ura ukau ziona eta mundu zabalean hara ta hona ibili ta ibili dabilena! Maño deitu andreari pitza zerion ahotik. Burdina batez belauna lokatu zion norbaitek. Sastaka ari zitzaizkion besapean, eraman ezinezko kilimak eraginez. Emakume batek, bere gorputz lodi zabal eta beroaz estali, eskua bragetara bota eta hil zorian jartzeraino estutu zion. Ezerk ez zuen, ordea, aldentzen izaki haienganako izu-ikaratik: Ashaverorekin175 nahasi eta iraganeko mendeen ilunpeetatik, bi mila urteren sakonetik, harrika hiltzera atera zitzaizkion piztietatik. Entzun, bai, entzuten zion Mañori, hitz-jario negargarrian ari zela. Eta entzuten ziolako, ez zituen sentitzen harrikadak. —Hemen do ne amaide Encarnación eta beak esango-u gezurra diodan; beak e, aldekoekin batea, nekin batea jardun tzun okindegiko gaubeilatan "Judu Alderraia" irakurtzen; han dakar Jainkoaren borrero eta hiltzaile honen berri. —Hil! Hil tzagun judua! Harrika! Harrika! Tximista-ziztada batek eten zion Heinrich-i gauaren ilargizko kobazuloa. Hiltzen ari ote zen? Kendu zioten aurpegi aurrean babestearren zuen besoa. Eskutada-hauts bota zioten begietara. Erremin urragarri batek bete zizkion betazalak eta malko-zuloak. Betiereko ilunpeetara jaio zen. Hartatik apalki ulertuko zuen ustea zuen. Bere herritarren patua betetzen ari zen. Bera ere, Heinrich Nussbaum, adiera misteriotsu batean, Ashavero zela onartu zuen. Bera hilez, betetzen ari zen idatzirik zegoena. Bere heriotza galdua, milioika beste heriotza galduekin batera, mendeetan barnako bidaia galduaren amaiera zatekeen, agian. —Harria! Harria, oindik ostikoka ai duk-eta! Goitik behera zauritua, hesteak kanpoan zituela, bizirik larrutua, kemena bere argi-errainuen azken keinutan zuen. Inori kontuak hartzeke, bere oinordetza onartu zuen. Judu izatea, gizaki izatea zen, besterik gabe. Juduak ziren Judas eta Shylock; baina juduak ziren baita Jesus eta Marx ere. Aberats zein erreboltari bakoitzaren baitan judu-arnasa dago. "Jakob bakarrik gelditu zen eta gizon batek Jakobekin borrokan jardun zuen egunsentiraino. Gizonak galdetu zion: «Zein da zure izena?». «Jakob», erantzun zion. Besteak orduan: «Ez dizute aurrerantzean Jakob deituko, Israel baizik, borrokan egin baituzu Jainkoarekin eta gizakiekin eta nagusi atera zara. Jainkoa aurrez aurre ikusi eta oraindik bizirik zen". Ez zen kexurik haren ahoan. Baina, zertaz zen ziur? Burdinak bete-betean jo zuen burezurrean; agian belaunburuak hautsi zizkioteneko burdinak berak. 1946ko apirila AZKEN SOLASA Honezkero irakurri duzu Joaquín Gallegos Lararen kontakizun-sorta hau. Egin ere egingo zenuen jada idazlearen zeure argazkia: izaera, pentsamoldea, hautuak… egingo zenuen baita haren heziketa eta kultura, haren filia eta fobia nahiz bizipenen ideia bat ere. Ez naiz harrituko zenbait pasartetan hunkituta edota txundituta geratu zarela esaten badidazu. Niri neroni ere horrelako zerbait gertatu zitzaidan. Gogoan dut Ekuadorren izan zela, 1991n Guayaquilen egonaldi bat egin nuenean. Ekuadorko kultura ezagun nezan, lagun batzuek liburu bat jarri zidaten eskuetan. Azala aski zaharkitua zuen: urteek nahiz eguzki-izpiek itsasten duten kolore nabar ezin zehaztu horretakoa. Argi erakusten zuen lehen kolpean alea apal batean gordea ez, esku askoren ahurretan eta oso giro desberdineko lekuetan erabilia izan zela. Orriek, gainera, tropikoko pipien arrastoak erakusten zituzten: gain-zama neketsua –pentsatu nuen– tropikoko kulturari tokatu zaiona literatur edukiei eusten, irakurleen eskuetara iristerako. Gogoan dut liburukiaren izenburua ere: Los que se van176. Ipuin-liburua zen eta, adiskideek ohartarazi zidatenez, lagungarri ona izango nuen, herrialde hartako jendea eta kultura ezagutzeko eta, agian, ulertzeko. Irakurri ere, irakurri nituen oin-oharrean aipatzen ditudan hiru idazle haien ipuinak. Liburukiak idazle bakoitzaren zortzina ipuin zekartzan; eta, egia esan, doinu eta kutsu berriz jantzirik zetozkidan, nireak bezalako belarri europarretara. Adi-adi irakurri nuen liburua; esan ere, esan baitzidaten idazleok XX. mendeko literatura ekuadortarraren hiru ikur zirela. Eta aukera ez zen pasatzen uztekoa. Denak aski interesgarriak egin bazitzaizkidan ere, ipuin-multzo bat arras deigarria gertatu zitzaidan: Joaquín Gallegos Lara izeneko idazleari zegokiona. Haren ipuin-orrietako egoerek, pertsonaiek, bizipenek eta abereek beraiek ere bazuten, nire aburuz, halako indar berezi bat. Jakin-mina eragin zidan. Nor ote zen idazlea? Zergatik zetozen liburu hartan hirurak batera? Argi baitzegoen, ale haren hitzaurrean adierazten zenez, argitalpena, ipuin-kopurua, gizarteratu nahi zuten mezua… ezagutzen ez nituen berariazko arrazoiengatik adostu zituztela hiru idazleek. Jakin-min horrek eraginda, hirukote hartatik nabarmenena egin zitzaidan Gallegos Lara izeneko hartaz galdezka hasi nintzen. Eta jakin nuen idatzi zuela ipuin gehiago ere; bazuela baita nobela bat ere, Las cruces sobre el agua izenekoa, Guayaquilen historiako gertaera lazgarri bat oinarri hartuta, hiriaren oso argazki zuzena ematen zuena; baita, irakurri berri nuen liburuko egileekin eta beste bi gehiagorekin, El Grupo de Guayaquil izeneko idazle-talde bat osatu zuela ere. ZEIN dugu idazle hau? Joaquín Gallegos Lara (1909-1947) Guayaquilen jaio zen erabat sustrai eta ingurune kreoleko sendian. Aitaren aldetik, XIX. mende-hasieran Espainiatik joan eta urte gutxiren buruan Ekuadorri hainbat profesional eta intelektual eman zizkion familiakoa zen. Amaren aldetik, berriz, independentziaren aldeko borroketan nabarmendu ziren hainbat heroi ekuadortarren ahaidea zen. Historiaz eta joeraz, erabat kutsu eta arnasa liberal eta aurrerakoiak bizi eta bereganatu zituen jaiotzetik bertatik gertu-gertuko testuinguruan eta horiez blai egin zen, baloreei, kulturari, politikari nahiz, oro har, gauzen ikuskerari zegozkienetan. Aita Joaquín Gallegos del Campo izan zuen; baina gure idazleak ez zuen ezagutu, urte eta erdi zituela hil baitzen. Emma Lara Calderón, ama alargunak nahikoa lanak izan zituen bere seme bakarra aurrera ateratzen. Izen handiko medikua zen amaren anaia Julianek eskaini zien aterpea erabakigarria gertatu zen, bat-batean noraezean geratu ziren alargun-umetxoentzat. Izan ere, ondorengo datuak pasadizoa irudi baleza ere, XX. mende-hasierako Guayaquil hartan urte eta erdirekin umezurtz geratzea nolanahiko arazoa ez bazen, oraindik gutxiago, gure ama-semeoi zegokienez, Joaquín elbarria baitzen jaiotzetik. Haurdunaldian amak izandako eroriko baten ondorioz, semea bizkarrezurreko kalte larriekin eta hanka biak ezertarako ez zirela jaio zelako. Horregatik, hasieratik adieraztekoa da Joaquín Gallegos Lara, harrigarria bada ere, autodidakta zela. Hau da, ez zela inoiz eskolatu edo, zehazkiago esateko, ezin izan zuela inongo eskolatan jardun eta, ondorioz, inolako ikasketaren aitorpen ofizialik ere ez zuela. Izan ere, aipatu lesio larriaz gain, berari loturik sufritu zuen gernu-ihesak, ezinezkoa egin zuen haurraren eskolatzea. Horiek horrela, ama arduratu zen semearen prestaketa akademikoaz, etxera, frantsesa eta italiera irakastera, joaten zitzaizkion hizkuntza-irakasle biren laguntzaz. Eta buruz oso argia eta bihotzez sentiberatasun handikoa izaki, Joaquínek ongi baino hobeto baliatu zituen laguntza guztiok. Harekin harremana izan zuten guztiek azpimarratzen dute irakurzale neka ezina zela, oso kultura handiko gizona, kultura orokorreko gaietan bezala, kultura garaikideko gaietan ere; ume-umetatik pilatuz –eta irakurriz– joan zen liburuetatik jasoa zalantzarik gabe. Hori frogatzen du ondorengo datuak: gai zen frantsesez, italieraz, alemanez eta errusieraz irakurtzeko. Konturatuko zinen honezkero horretaz, aurreko orrietan ikus litezkeen hainbat arrastotatik. 1922ko azaroaren 15a. Langileen manifestaldia Guayaquilgo erdigunean, tiroketa hasi baino apur bat lehenago. Idazlea mutiko zela, 1922ko azaroaren 15ean –hots, 13 urte zituela– gertatu zen «Guayaquilgo Sarraskia» izenez ezagutzen den gertaera lazgarria. Kakaoaren beherakadak Ekuadorri eta Guayaquili, bereziki, ekarri zion krisialdiko istiluetan, soldaduek ehunka manifestari hil zituzten tiroka, gaur langileen oinarrizko eskubidetzat ditugun eskaeren aldeko manifestaldi batean. Nola bizi izan zituen mutil koskor hark gertakariok eta, bereziki, egun hura? Ez dugu arrastorik; baina zalantzarik ez, eragin itzela izan zutela idazlearen hautu politikoetan zein literaturakoetan. Horren erakusgarri, Ekuadorko literatura modernoaren mugarritzat eta «Guayaquilgo nobela eta hiri-nobelagintzaren abiapuntu»tzat hartzen den eta esku arteko egile honi zor zaion Las cruces sobre el agua nobela-lana. Gurutzeak Guayas ibaiko uretan, 1922ko sarraskiaren oroigarri. Badugu, ordea, gertakari haietatik gutxira koka dezakegun datu zehatz bat. Joaquín gaztea, 18 urte besterik izan ez arren, Guayaquilgo intelektual gazteen ikur bihurtu zen jada: datu zehatza baita 1927rako haren etxean elkartzen zirela hainbat intelektual gazte, ordurako aski ezaguna zen gure idazlearekin solastatzera. Tarte horietan ezagutu zituen Demetrio Aguilera Malta eta Enrique Gil Gilbert kideko idazleak ere, laster lankide eta idazle lanetan gogaide izango zituenak. Uda bateko oporrak Guayaquilen eman zituela-eta, hara azaldu zen, baita, geroago Joaquínen emaztea izango zen Nela Martínez Espinosa, Cuencako (Ekuador) neska gaztea ere. Idazteko zaletasuna –eta lana!– bazter utzi gabe, 30eko hamarkada hasteaz bat, buru-belarri hasi zen politikan: 1931n Juventud Comunista-n izena eman eta langileekin bat eginik jardun zuen urte haietako borroketan nazio osoan. Joan-etorri horietan eskuz esku jardun zuen Nela Martínez Espinosa gaztearekin eta hartu-emana ezkontzan burutu zen 1935ean177. Bikote-bizitzak, ordea, hilabete batzuk bakarrik iraun zuen. Ez, ordea, politikako eta literaturako lankidetzak, hiltzean Joaquínek Nelaren esku utzi baitzuen oraindik argitaratu gabe zuen hainbat eskuizkribu. Horietako batzuk –Los Guandos nobela da esanguratsuena– Nelak berak osatu eta argitara emanak. Joaquín Gallegos Lara eta Nela Martínez Espinosa Ez zen, alabaina, Joaquín “alderdi-aparatu”ko gizona, ez zen horretatik bizi; kultura-aldizkarietarako idazten zituen artikuluetatik baizik eta, horrek bizitzeko adina ematen ez zuenez, han-hemenka ematen zizkioten lanetatik: hartxintxarra garraiatzen zuten kamioien kontrolatzaile, liburutegiko laguntzaile, bulego ofizialetako administrari, udal igerilekuko txartel-saltzaile, besteak beste; betiere baldin eta agintean zegoen unean uneko politikoari ongi irizten bazitzaion, aldaketak eman ahala, sarri gertatzen baitzen lana ere galtzea. Jardunbide neka ezin horretan, pentsatuko zenuenez honezkero, ezinbestekoa zuen Gallegos Larak harat honat mugitzea. Juan Alberto Falcón Sandoval indigena txiki eta sendoaren sorbaldak (1912-2005) izan ziren 12 urtez Joaquínen hankak. Bien artean osatzen zuten irudia oso zen ezaguna garaiko Guayaquil hartan. Elkarren begirune zintzoan oinarritutako harreman hura 1945ean amaitu zen, garraiatzailea ezkondu zenean. Idazleak, bere aldetik, egitekoari ekitean agindutako laguntza eman zion Juani eta, lortu zion lanari esker, atera ahal izan zuen aurrera bere familia. 1946an hasi zen idazlearen hil arterainoko beherakada. Alderdi komunistaren baitako liskar ideologikoak tarteko, lagunek bazter utzi zuten, batetik. Jaiotzez zuen ezintasun fisikoari loturik hainbat urtez sexu-ataletan izan zuen infekzioak, bestetik, okerrera egin zuen eta minbizi bihurtu zitzaion. Osaba medikuak Estatu Batuetara eraman nahi zuen, baina hango agintariek ukatu egin zioten sarrera. Etsi-etsian Limako erietxe batean jarritako tratamendua beranduegi etorri zen eta, lau hilabete egoera oso larrian egin ondoren, 1947ko azaroaren 16an hil zen Guayaquilen, Joaquínentzat hain esanahi sakona zuen dataren biharamunean. ZER dugu idazle hau? Zertzelada biografiko laburron ondoren, ongi etorriko da egilea –eta, bidenabar, liburua bera– behar bezala kokatzea irakurle euskaldunarentzat, historia, kultura, literatura, estilo… aldetik. Guayaquildarra Horixe jarriko nuke –hiriaren izenari loturik, apropos– idazlearen lehen ezaugarritzat; baina berdin esan nezakeen «montubioa», «herriko semea» edota herri-erroekin zuen lotura estua adieraz lezakeen besteren bat. Izan ere, Ekuadorko modernismoaren erreferentea den Medardo Ángel Silvaren (1898-1919) heriotzakoan178 eta 16 urte bete artean eredutzat zuen poetaren taxu modernistan idatzitako lehen poemak izan ezik, Gallegos Lararen lerroetan herriko pertsonaia xumeak eta haien egoerak dira erabateko protagonista: bizitzeko lain ozta-ozta ateratzen duten nekazariak, gizarteko zibilizazio-moduekin eten eta hirira mozkortzera baino ez datozen ehiztari eta basomutilak, jornaleko peoi eta ofizialak, azken-aurrekoen menpeko ziren indiarrak, edo beltzak, edo emakumezkoak, edo kaleko mutikoak. Ezaugarri horiei loturik, pertsonaia horien guztien izen-deiturak ere batere osperik gabekoak dira: Chancho-rengo, Lucha, Chumbote, Negro Manuer, Negro Llorel, Cuchucho, Manflor… Herriko zoko lohietan ezereztuon ezpainetan kontakizun bakoitzean ageri bezala erabiltzen eta entzuten zirenak. Hori bai: lotura handia dute aurrerago aipatuko dugun idazlearen militantziarekin. Idazle-lanari gagozkionez, literatur kritikariek diote gure Gallegos Lararekin hasten dela Ekuadorko literaturan errealismo soziala. Literatur hautuak merezi adinako isla du bere idazkeran eta, ipuinetan barreiatuta, ugariak dira herri-esamolde eta mintzairak, edota herriaren nahiz indigenen lexikoaren lekukoak. Are gehiago: protagonistok gehienetan gramatika aldetik zuzena ez den herri-hizkeran mintzatuz ageri zaizkigu ia kontakizun guztietan. Are gehiago: Gallegos Larak pertsonaiari ondo erreparatu eta gero erabili ohi idazkera ‘okerra’ edo ‘zuzena’. Idazlearen muga ote? Ezta gutxiago ere! Itzulpen honek, horregatik, haren borondateari jaramon egin eta nolabaiteko irtenbidea eman behar izan dio eta, konturatuko zinenez, hala egiten saiatu naiz herri-hizkeran eman ditudan pasarte ugarietan, herriak berak, zenbaitetan zuzen egon ez arren, darabiltzan esaera-esamoldeak erabili ditudanean. Ezaugarria inoizko eskandalu zaratatsuenetakoa izan zen Guayaquilgo zirkulu akademiko formaletan eta, oro har, ahalmen politikoa eta ekonomikoa bere gogora erabiltzen zuen jendartean. Aipatu hizkuntz janzkera herritarrean kaleraturik, garaiko kritiko bakar batek salbu, gainerakoek oso harrera txarra egin zioten arestian aipatu Los que se van lehen ipuin-liburuari. Urteek, halere, bere tokian jarri dute gure idazlearen eta talde osoaren ekarpena eta gaur egun Ekuadorko nobelagintzaren une eta ekarpen aipagarrienetakotzat hartzen dira idazlanok eta egileok. Apustu handia izan da niretzat jokaera hain bitxi hori euskaraz eman eta euskal irakurleari gerturatu eta ezagutzera ematea. Horri loturiko beste detailea: egileak etengabe aipatzen ditu herriak erabiltzen dituen joskera, hitz eta moldeak. Abere-landareen izenak izan litezke, edota Guayaquilgo zoko nahiz aretoak, edota Hego Amerikako independentziari loturiko datak eta lekuak, edota herri xumearen era guztietako erreferentziak. Errazegia zatekeen beren hartan utzi eta besterik gabe ematea. Baina herri txiki hartako idazle handi honen eta Euskal Herriko hizkuntzaren nahiz irakurlearen errespetuagatik, zor niela pentsatu nuen batari zein besteei itzulpenarekin batera, hainbat hitzen azalpenak ere ematea. Hori izan da liburuan hainbeste oin-ohar aurkitzearen arrazoia. Asmatuko ahal nuen! Eta, batik bat, lagungarri izango ahal zitzaizkizun! Dena dela, nire ohar eta azalpenak gorabehera, konturatuko zinela uste dut Gallegos Larak zenbait pasartetan erakusten duen Ekuadorko abere eta landareen hain ezagutza zabalaz. Miresgarria, zalantzarik gabe, Guayaquilgo kale eta inguruetara ezinbestean mugaturik bizi zen ‘kalekume’ honetan ageri zaigun ezaugarri hau; ez baita mugatzen bere flora/fauna-ezagutzen aipamen akademiko hutsala ematera, bete-betean asmatzen baitu baizik, horietako bakoitza den, kokatuta dagoen, erabilia zein balioetsia nahiz gorrotatua den ñabarduretan. Argi eta garbi, jendearekin –jende xehearekin– luzaz izan zituen hartu-emanez hitz egiten digun datua: pertsona eta ezagutza horiek aintzat hartu eta beren jatorri xumetik literaturaren maila unibertsalera igotzen saiatu zen ikertzaile nekaezin honena… bere ezkertiar hautuetatik, geroago esango dugunez. Aurreko guztia gutxi balitz, esandakoak oraindik harrigarriagoak gertatzen dira bere ezintasun fisikoengatik eskolara joan ezinik geratu zen pertsona gazte bati buruz ari garelako. Gorago aipatzen nuen gure egilearen estilo-aldaketara itzuliz, zerikusirik izan ote zuten horretan azaroaren 15eko gertakariek? Kontuan izanik idazlearen lehen literatur urrats haietatik urtebetera gertatu zirela, niri behintzat ez litzaidake harrigarria egingo pertsona helduaren izaera finkatuz doan nerabezaro-gaztaro bitarteko gertaera haiek nortasunean, hautu politikoetan eta arte-joeretan utzitako zantzua izatea. Aipagarria da, bestalde, idazlea erabat kreole-girotik etorri arren, taxuketa horretako pertsonaiek ez dutela kontakizunotan protagonista-rolik: kontaketaren ardatza direnen kontrapuntu edo kontraste gisa ageri dira gehienbat, askotan kutsu peioratiboz, gainera… jakitateari dagokionez idazleak hain maite duen kulturaren jabe badira ere. Gallegos Lara erditze-minetan den Guayaquil berriaren lekuko da. Min du desagertze-zorian den Guayaquil zaharra. Atzera bueltarik gabea ikusten du, pausoz pauso ertz batean eta bestean azaleratuz doan Guayaquil berria. Ez du hura erreibindikatuko azken honen aldean. Bere burua hiri berri honetan kokaturik eta beronen aldeko apustuan murgildurik ikusten du; baina ezin du utzi mahai gainean jarri gabe gera ezinezko eraldatze horrek dakarren sufrimena. Azaroaren 15eko gertaerak, hain zuzen, ez al ziren gertatu horren erakusgarri gordinena? Nola edo hala, gauza da joera eta ideia horiez jantzita sortu zela gure idazlea sortzaile izan zuen hala deituriko Grupo de Guayaquil taldea. Are gehiago: taldea osatzen zutenen asmo eta bat-egitearen erakusgarri da taldeak irabazi zuen Los cinco como un puño deitura. Grupo de Guayaquil sortu zuen idazle-taldea: Joaquín Gallegos Lara, Enrique Gil Gilbert, Alfredo Pareja Diezcanseco, Demetrio Aguilera Malta eta José de la Cuadra Kultura unibertsalean kokatua Arestian aipatu ezaugarriak gorabehera, harrigarria da neurri berean herri-kulturaren ardurak ez zuela gure idazlea txikikeriatan itxita utzi, ezta folklorismo ederzale, bukoliko edo nostalgikora eraman ere. Gallegos Lara erabat hiritarra dugu, buru-belarri murgilduta bizi da metropoli bihurtzen ari den Guayaquil hartan; kultur korronte unibertsalaren baitan guayaquildar ageri da deliberatuki bere hautu ideologiko argietatik. Esaten dudanaren erakusgarri, beti egin zait harrigarria –‘txundituta uzteraino’ ere esango nuke– eskolatu gabeko gazte elbarri hark hain ezagutza sakona zeukala mundu zabalean eta, bereziki, Frantzian egiten zen literaturaz. Ipuin-sail honetan jarraitu ahalko zenituen esaten ari naizena egiaztatzen duten hainbat arrasto aski esanguratsuak. Etxekoandrea izeneko ipuina gomendagarrienetako bat, nire ustez, esandakoa frogatzeko. Berori egin zait Joaquínek kultura europarraz duen ezagutzaren erakusgarri behinena. Neronek ere, ipuin horri esker, ezagutzen ez nuen hainbat xehetasunez jabetzeko zoria izan dut. Bada han paragrafo bat, non bizpahiru lerrotan aditzera ematen duen ezaguna duela P. Loti idazle frantziarra, baita zer iritzi duen Blasco Ibañezi buruz edota erreferentziarik aurkitu ez dudan beste idazle italiar nahiz frantsesei buruz ere. Paragrafo beretik atera gabe, ohartu nintzen bazekiela baita zein deitura ematen zaion (Elzevir) XVII. mendean guk «poltsiko-liburu» deituraz ezagutzen ditugunen parekotzat har dezakegun Errenazimentu garaiko liburu-motari ere. Hori gutxi balitz, ñabardura berri bat erantsi behar zaie datuoi; izan ere beste arrasto batetik ondoriozta dezakegu idazlea jakitun zela garaiko literaturak –frantsesak, kasu honetan– une hartan zeraman bilakaeraz. Horren erakusle izan liteke Gerra izenburua daraman ipuina, Henry Barbusseri eskaintzen diona. Ezezaguna izaki niretzat, bilatu beharrean aurkitu naiz hari buruzko datuak; baita ikusi ere XX. mende-hasierako naturalismoan kokatzen duten idazle frantsesa dela, Goncourt sariaren irabazlea Le feu nobelari esker, militante komunista liluratu eta kartsua, eta 1935ean hil zela. Horiek horrela, zuzenean datorkit galdera: gertaera horren karietara idatzi ote zuen ipuina? Lehenagotik ere ezagunak ote zituen haren lan-pentsamoldeak? Era bat edo bestera, pasarteak nobela hura du oinarri eta, bidenabar, Gallegos Larak, bere muga eta guzti, Guayaquilgo ertz hartatik Europako kultur ikuspegiaz zuen ezagutzaren erakusgarri esanguratsua da. Idazle latino amerikarrak Guayaquilen (1939). Ezker-ertzean, Joaquín Gallegos Lara; hirugarrena, Alfredo Pareja Diezcanseco; erdian, John Dos Passos, idazle estatubatuarra, eta Demetrio Aguilera Malta; eskuin-ertzean, Enrique Gil Gilbert. Literaturarekin loturiko adibideok ekarri baditut ere esaten dudanaren erakusgarri, ipuinotako lerroek eguneroko bizitzako askoz datu gehiago islatzen dute, Joaquínen aipatu ezaugarria baieztatzen digutenak. Gomendatuko nioke irakurleari begi zorrotzez errepasa dezan datua. Bidegilea Joaquín Gallegos Lara zerbaitengatik bada deigarria, ez da nola edo halako eskolaren ezaugarriak nabarmenki edo maisutasunez erabiltzen dituelako, kontziente delako baizik, bere herrian, oro har, bide berriak ireki behar eta nahi dituela. Gizartean, politikan eta ekonomian bezala, Ekuadorko literatura ere bide berriak ireki beharreko kinkan ikusten dute gure idazleak eta kidekoek. Horri begira elkartzen ziren kultura-gizon eta -emakumeak Joaquínen ganbaran eta horretarako sortu zuten Grupo de Guayaquil izena eman zioten idazle-taldea. Hastapeneko urratsak une hartan hedatuena zen modernismoaren bidetik eman bazituen ere, egileak eten egin nahi du harekin, oso bestelako bidetik jotzeko; eta urte gutxiren buruan, idazkera goitik behera aldaturik ageri zaigu: aditzera eman nahi duena esaldi laburretan jantzita dakar, kaleko hitz eta hizkeran –eta ‘kakografian’!–, ahal bezain apaingarri eskasenaz. Hala ere, aldian-aldian pasarte oparoak azaleratzen zaizkio hainbat paragrafotan, literatur “eskolako” modu eta moldez idatzirik. Susmoa dut “ezin” zuela beste erara aditzera eman barruan sortzen zitzaion literatur etorria eta arnasa. Irakurleari kutsatu nahiez deskribapenetan hariltzen du, bereziki, modernismotik edan zuen idazkera akademikoa. Kutsatu nahiez-edo errealitate deskribatuak sorrarazten dion inpresioa? Edo horrela baino ezin duelako azaleratu paperera jaulki nahi dituen sentsazioak? Gauza da estilo-aldaketa hori beren-beregi ikusgarri egiten duela: esaldiak ezin laburragoak egiten ditu, perpaus bereko zati izan litezkeen atalak puntu bidez zatikatuz. Berriro diot: propio hautatu eta jarraitu nahi duen idazkera da. Eta egileari zintzo izan nahirik, neronek ere hori islatu nahi izan dut itzulpen honetan… geure hizkuntzari ere zintzo jarraitzearekin uztartu beharrak aski buruhauste potoloak ekarri badizkit ere zenbaitetan. Jakingo ahal du irakurleak horrela hartzen jatorrizko asmo hari jarraituz osatu ditudan pasarteak! Asmatuko ahal nuen bi irizpideei leial izaten! Horiek guztiek ekarri zuten kidekoek taldearen lidergoan jartzea eta Ekuadorko idazle onenen artean hartua izatea. Esate baterako, hau esaten zen 1926an aipagai dugun idazleaz Guayaquilgo bi aldizkaritan: “Laburbilduz, esan dezakegu Joaquín Gallegos Lara dugula Ekuadorko literaturgintzan etorkizun handiena duen idazlea”179. “Medardo Ángel Silvaren ondoko intelektualen belaunaldiko izenen artean, lehen lerroan jarri beharrekoa dugu Joaquín Gallegos Lararena”180. Idazlea, une hartan, 16-17 urteen mugan zebilen eta, oraindik modernismoarekin eten ez bazuen ere, hasita zegoen jadanik bere maisutasunaren arrastoak ematen. Zerabilen hitz eta hizkeragatik hartzen da gure idazlea bidegiletzat. Taldekideekin batera, ordura arte ikusi gabeko ahalegina egin zuen herri-hizkerara hurreratu eta zuzenean jasotzeko. Literatur balioa eman nahi zion herri-hizkerari, berori delako berarentzat hizkuntzaren arnasa; eta hitza letra egin nahi duenak iturri horren jarioari zor diolako bere emaria. Baina, idazlaneko hitzak baino harago, kostunbrismoa edo folklore-arreta baino sakonago, Gallegos Lara bidegiletzat hartu beharrekoa da hitz egiten sumatzen duen herritarra bera jartzen duelako protagonismo-rolean: objektutzat hartzea baztertu eta subjektu egiten duelako. Kontakizunok direla bide, idazlea ingurunearen argazkia eskaintzen ari zaigu eta, une berean, baita istorioaren testuingurua gainditzen duen irakurketa historikoa egiten ere. Liburu hau, horregatik, Ekuadorko errealismoaren erakusgarririk behinenetakoa dugu: distiratsua, berritzailea eta sustatzailea. Aro berria ireki zuen herri hartako literaturan. Zenbaitek “Ekuadorko narratibaren urrezko aro” deitu dio eta, zalantzarik gabe, Latinoamerikako klasikoen hainbat izenburu ezagun ekarri dizkigu. Ezaugarri horrek, ordea, izan zuen bere ifrentzua: Gallegos Lararen lanak polemika artean zabaldu ziren gehienetan. Idazlearen kolore politikoak gehiegi markatuta irakurri dira idazlanok. Kritikariak berak ere halako «epojé» literario bat, gutxienez, egitera eraman zituen eta daramatza gaur bertan… eta egilea polemika-lanetan sarrarazi zuten eta, agian, sormenerako gaitasunak nahi baino gutxiago jorratzera eraman. 1947ko azaroaren 17an, Joaquín Gallegosen heriotzaren berri emanez, Guayaquilgo egunkari batek atera zuen lehen orria Militantea Azken lekuan kokatu badut ere, ez da gure idazlearen azken ezaugarria. Grupo de Guayaquilgo kideekin batera, “errealitatea; eta errealitatea, besterik ez” ikurtzat hartuta, begien aurreko bizitza literaturara jasotzeaz gain, autoreak agerian jartzen du askotan ikusten duenari dagokion bere irakurketa ere. Esan dugu lehenago: egilearen asmoa ez da etnografo edo folklore zalearena, idazle konprometituarena baizik. Ikuspegi horretatik ikusi behar dira idazkiotako pertsonaia guztiak eta sumatu, bakoitzak jokatzen duen gizarte-rola eta ohartu, bakoitzak erakusten duen ‘kolorea’ edo zantzua eta ulertu, idazleak lerro artean egiten duen analisia. Ipuin bakoitzean zein ageri da esne-mamitan? Zein, miseria gorrian? Interesgarria da irakurketa hori aplikatzea bai ekonomiaren, bai kulturaren, bai hizkeraren, bai boterearen, bai justiziaren, bai moralaren… ikuspegitik. Ildo beretik, kontakizunotako protagonisten klase-jatorriari erreparatzen badiogu, lau ipuinetakoak bakarrik dira kulturadunak edo klase jasoetakoak. Gainerako ipuinetan kontrapuntu-rola besterik ez dute betetzen. Idazleak osatzen duen koadroaren erdigunea gorago aipatu ditugun gisako pertsona arrunt, baxu eta, inoiz, aski alprojek betetzen dute. Horiek horrela, argi ditzadan lehenbailehen bi gauza. Bata: azaltzen zaiguna fikzio izateak ez du esan nahi asmakeria edota –are gutxiago– iruzurra direnik. Ipuinok gertatu ez badira ere, errealitatea horixe da eta horregatik datoz horrela: errealitatearen fikzioak errealitate direlakoz ‘ipuineratu’ dira eta ez diote, horregatik, errealitate izateari utzi. Bestea: ipuinok ez dira panfleto politikoa. Izan ere, kritikari lagun guayaquildar batek esaten zidanez, “errealismotik panfletora urrats bat besterik ez dago”; eta egileak, maisua izaki, panfletotik urrun idatzi bezala, hala irakurriko zenituela espero dut honaino iritsi zaren horrek ere: errealitatearen irakurketa sakon gisa. Hasi irakurtzen eta, orriotan murgildu orduko, nabaritzen da. Ez dator inoren juzgurik, ez balioespenik. Ez dator ikasbiderik, inoiz zuzenean horrelako zerbait eskatzen duela irudi baleza ere. Arreta bakarra errealitatea berreskuratu eta irakurlearen begietara ekartzea da. Harrigarria irudi lezake europarron begiz ikusita, autoreak bezalako militantzia eta eragiteko aukera izandako batengan; baina Hego Amerikako gizarte-egitura eta indar-banaketa ezagututa, errealismozko jokaera aitortu behar: alegatuak, salaketak, hitz sutsu edo handiosak baino sarkorragoak ziren testuinguru hartan, zirrararik edo astindurik emateke, gauzak argitara atera eta, besterik gabe, deigarri izan zitezkeen gaiak ikusgarri egitea, alegia, kostunbristatzat hartzeko arriskuaz bazen ere. Horregatik, aitor ezina delako edota, oro har, halabeharrekotzat hartzen delako, egokiago iritzi zion hartutako bideari. Eta, besterik gabe, horretantxe geratzen da. Zure esku, irakurle, ta zure analisi- nahiz hautu-gaitasunen esku dago gainerakoa. Neutraltasuna? Estrategia? Kortesia? Deus ez, horietatik; Joaquín Gallegos Lararen literatur maisutasuna baino. Egina dago gonbita, zu zerori izan zaitezen zuzenean zeure ondorioak ateratzera iritsiko zarena. Bidea lagun bekizu. Esteban J. Agirre Lazkano 2013/05/31 Oharrak [←1] (Buteo jamaicensis) Hegazti harraparia. Sorbaldako lumak ilunak ditu eta sabelaldekoak, zurixkak; isatsekoak, berriz, oso biziak ditu: laranja, gorri edo kanela kolorekoak. Latinoamerikako lurralde tropikaletan bizi da. [←2] Ekuadorko herri-hizkeran, gai batetik iheska edo halako zera gogoko ez duenean, ez-ikusiarena egiten dion pertsona adierazteko erabiltzen da. [←3] 116 urtez –1884 eta 2000 artean– Ekuadorko dibisa-unitatea izen zen monetaren deitura. [←4] Ekuadorko ipar ertzean kokaturiko probintzia. Biztanleriaren zati handiena (%80) arraza beltzeko pertsonek osatzen dute. Herrialde honetako kulturak ere, horri loturik, erro afrikar oso sakonak ditu. [←5] (Tinamus major) Ekuadorko hegazti mota. ‘Gallina/Gallo de monte’ izenez ezagutzen da. Hemengo eperraren antza du. Gure lurraldean baliokiderik ez du eta, horregatik, sortu dugun deitura berria. [←6] Hiztegietan aipamenik aurkitu ez dudan arren, Ekuadorko solaskideek jakinarazi didate basoetako hegazti mota bat dela. Laborariak gorroto handia omen diete, landatutako aleak jaten dituztelako. [←7] Hiztegietan eta adituen artean egindako ahaleginek arrastorik eman ez badigute ere, hitza kokatuta dagoen testuinguruak argi uzten du hegazti-mota bat adierazten duela. [←8] (Mikania glomerata) Hego Amerika osoan oso hedatuta dagoen landarea. Bere adar malgu eta gogorrengatik hesietan loturak egiteko erabiltzen da batez ere. [←9] (Diphysa spp.) Ekuadorko basoetako zuhaitz mota. Euskal Herriko askaziaren antzekoa da; eta, duen tinkotasunagatik, oso estimatua altzariak egiteko. [←10] (Mangifera indica) Hego Amerika osoan hedapen handia duen zuhaitz mota eta fruitua. Zuhaitz zabala izanik, jendeak estimu handia dio, bai egiten duen gerizagatik eta bai oparo ematen dituen fruitu gozoengatik. [←11] (Sechium edule) Ameriketako zuhaixka igokari baten zein fruituaren izena. Gure udarearen antza du. Behin egosi eta gero, jangarria da. [←12] (Pionus cyanescens) Ekuadorren oso ezaguna den txori mota. Beti taldean ibiltzen da eta denbora luzez beren artean berriketan ariko balira bezala jarduten dute. Hori dela-eta, pertsonen artean berritsu denari ere ‘catarnica’ esan ohi zaio. [←13] (Vitex gigantea) Ekuadorko zuhaitz mota zein horren fruitua. Tamaina handia du, oso egur finekoa eta ez da usteltzen; horregatik, oso estimatua da etxeko altzariak egiteko. Fruituak, berriz, gure gerezien antz handia du eta asko erabiltzen da marmeladak eta gozokiak egiteko. Fruituaren kolore beltz distiranta oinarri hartuta, herri-hizkeran ‘pechiche-begi’ esaten zaio begi beltz biribilak dituenari. [←14] (Furnarius rufus) Ekuadorko basoetako txori mota. Ezaugarririk nabarmenena bere tamaina txikia da; baita buztinaz baliaturik eltze itxurako habiak egiteko duen trebezia ere. Azken horretatik, izena ere. [←15] Erreferentziarik aurkitu ez badugu ere, Ekuadorko iturriek esan digutenez, hesiak egiteko batik bat erabili ohi den ohol mota. [←16] Laborari kulturako herrixketan, etxean bertan egiten den edari alkoholikoa, gehienetan oso gogorra. Anis-hostoak ere baliatu ohi dira, apur bat gozatzeko. [←17] (Tipuana tipu) Ekuadorko basoetako zuhaixka. Arantza asko du eta egurrari usain gozoa dario; horregatik, ziur, izena bera ere. [←18] Andeetako kultura duten herrietan, ahoan listuz edo ur gozotan beratutako artale xehatua hartzituz egiten den ‘chicha’ edo edari mota. Chicha egiteko prestaketa eman zaion artoari ere aplikatzen zaio. [←19] Izen honekin deitzen dira Latinoamerikan itsas besoek sortzen dituzten inguru zingiratsuak. Aberatsak dira ur-landaretan: manglea, esate baterako eta, hedaduraren nahiz uren sakontasunaren arabera, ontziz ibiltzeko modukoak izatera irits daitezke. Hala, Guayaquil inguratzen duena, adibidez. [←20] Ekuadorko Kostaldean bizi diren ‘cholo’ eta ‘montubio’ek janzten duten alkandora. Zabala da eta galtza gainetik eramaten da; lepoaldea itxia du eta besoaldea, luzea. Kostaldeko folkloreko janzkien osagai bihurtu da. [←21] (Cuniculus paca, Agouti paca) Ekuadorko mendietan bizi den, 25-30 cm-ko ugaztuna. Nekazariek oso preziatua dute haren haragia eta, horregatik, asko ehizatzen dute. [←22] (Triplaris americana) ‘varasanta’ izenez ere ezagutzen den zuhaitza. Nekazaritzako lanetan edo itxiturak eta hesiak egiteko, etab. erabili ohi da. [←23] Berez, kasuan kasu, ‘mi hijito’ eta ‘mi hijita’tik eratorritako esamoldea. Ekuador osoan familiarteko hizkeran erabiltzen da, kuttuntasuna, gertutasuna… adierazteko deiki gisa. [←24] (Hydropsalis torquata) Ekuadorko landa-inguruetan bizi den tamaina ertaineko gau-hegaztia. Hego-buztanak aski luzeak ditu. Izena hegaztiak egiten duen kantaren onomatopeiatik eratorria da. Zenbait herritan ‘atajacaminos’ izena ere ematen diote. [←25] (Trema micrantha) Ekuadorko basoetako zuhaitz mota. Nekazariek, bere zur gogorragatik, loturak eta itxiturak egiteko erabiltzen dituzte adarrak. [←26] (Baccharis halimifolia) Amerika osoan zabalduta dagoen mendi-hegaletako sastraka erretxinatsua. [←27] (Ischnosiphon arouma) Ameriketako zuhaitz mota. Hostoak oso preziatuak dira nekazarien artean bihotzaren bizkorgarri omen direlakoz. [←28] Ekuadorko garai bateko poliziaren atal multzo berezia. Iraultza Liberalarekin batera eratu zen 1895ean, herrialde osoan –Kostaldean batik bat– handitzen ari zen kriminalitateari aurre egiteko. Ezagutu ahal zutenen lekukotasunik ez dugu jaso, baina idazleak zantzu oso argiz –eta egiazkoz ere bai ote?– erakusten digu haien jokamoldea. 1956an Ekuadorko polizia talde guztiak bateratu zirenean amaitu zen talde honen autonomia eta desagertu zen. [←29] Ekuadorko sukaldaritzan oso ohikoa den platano mota, gordinik jaten den bestea baino handiagoa. Izenak berak dioenez, oraindik heldu gabe denean prestatzen da, erreta edo frijiturik nahiz egosirik jateko. Heldua denean ere erabiltzen da; kasu horretan, ‘maduro’ izenez deitzen zaio. [←30] (Bambusa guadua) Ekuadorko Kostaldean oso hedatuta dagoen banbu mota luze eta lodia. Gaur egun ere asko erabiltzen da igeltserotzako lanetan bereziki. [←31] (Lagenaria siceraria) Amerika osoan hedatuta dagoen kuia mota bat. Azala ireki eta barrena hustu ondoren, sukaldaritzako hainbat egitekotan erabili ohi da. [←32] (Amblycercus holosericeus) Ekuadorko txori mota. 20 cm inguruko luzera du, lumajea erabat beltza eta kono itxurako moko luze eta indartsua. Landa-eremuetako etxe inguruetan ibili ohi da gehienbat. Egiten duen txistu zorrotzagatik nabarmentzen da; diotenez, baziren kantak jotzen ere ikasten zutenak. [←33] (Phaseolus vulgaris) Ekuadorren, laborariek landatzen duten indaba-mota bat. Ale txikia du, ertzetako bat erpin marroi xorrotxez amaitzen da. Eltzeko gisa prestaturik jaten da. [←34] (Tabebuia chrysantha) Ameriketako tropiko-lurretako zuhaitza. Zurak kolore beltzaxka du eta, enbor handia duenez eta oso gogorra, estimu handiko lehengaia da altzariak egiteko. [←35] (Cordia lútea) Gure arteko mahats zuriaren antzeko fruitua ematen duen landarea. Mamia eta zukua zurixkak ditu. Landa-eremuetan, industria kimikoak garapen txikia zuen garaian, hainbat erabilera ematen zitzaion fruituari: itsasgarri, ilearen brillantina, libragarri… gisa. Hemen ageri den idazkeraz gain, beste hainbat ere ikusi dugu idazle edo leku bakoitzeko ohituraren arabera: ‘muyuyo’, ‘muyuyu’… [←36] Andeetako kultura duten herrietan, artale xehatua, ahoan listuz nahiz ur gozatutan beratuta hartzituz egiten den edaria. [←37] Ekuadorko Kostaldean montubioek gure bertsolarien arteko puntu moduko elkarrizketa-moldeetan abesten dituzten kopla mota bat. Bat-batean asmatuak izan badaitezke ere, gehienetan herri-kulturak ahoz aho ikasi eta ekarriak izaten dira. Ia beti maiteminduen edo maitasun zapuztuen edo kidekoen arteko gaiak ukitzen dituzte. [←38] (Phlebotomus bicornutus) Ekuadorko lur beroetako eskualdeetan, Kostaldekoak nahiz Amazoniakoak direla, aurkitzen den eltxo mota. Zenbait gaitz eta parasito kutsatzen ditu. [←39] (Agave sisalana) Hego Amerikan, gure arteko pitaren antzeko landarea. Ematen zaion erabilera ere gurearen antzekoa da: lokarriak egiteko. Lokarriari berari ere herriak hala deitu ohi dio sarritan. [←40] Arrain mota honen taxonomia izena aurkitu ez badugu ere, jakin dugu martxo-apiril inguruetan Ekuadorko Esmeraldas probintziako zenbait ibaitan ageri ohi den arrain txiki bat dela: 2 cm-ko luzera du eta gure antxoaren antz pixka bat ere bai. Jendeak estimu handia dio; hainbesteraino, egun ia desagertzear dela. [←41] (Hemiancistrus landoni) Hego Amerikako arrain mota. Hondoetan edota ontziei itsatsita aurkitzen dituen algak harraskatuz elikatzen da. Horretatik datorkio izena. [←42] Konkistatzaile españolen kulturak eraginda, Hego Amerikako toki ugaritan zabalduta dago ekain-uztail inguruko urtaroari deitura hau ematea, nahiz eta urteko garairik 'freskoena' eta izan. [←43] Arta irinez egiten den ahia. Euskaldunok ‘morokila’ deitzen dugunaren antza du. [←44] (Bothrops spp.) Ekuadorko suge mota pozoitsu baten izena. Kosk eginez gero, ia beti heriotza dakar eta, horregatik, nekazariek beldur handia diote. Bizkarra ixaren antzeko marra batek zeharkatzen duelako izen hau edota ‘equis rabo de hueso’ ematen zaio. [←45] Borrokako oilar mota. Kolore iluna eta lepoaldean zein hegoetan zilar koloreko lumak edo horiak dituenari ematen zaio izen hau. [←46] Gaitzizen hori ematen zaie Ekuadorko Kostaldeko biztanleei. Aberearen antzera, haiek ere berritsuak, ipurtarinak, berrizaleak, alaiak… baitira. [←47] Ipuin honetan behin eta berriz aipatzen diren tamarindo-alargunak Ekuadorko ipuin zahar bat dute oinarri. Espainolen konkista garaian zabaldu zen ipuin bat: La Viuda del Tamarindo izenekoa. Ipuinak dioenez, tamarindopeko alargun hori gaueko ordu txikietan zuhaitz horren gerizpean agertzen zaie oso dotore jantzita parranda-zale berantiarrei. Alarguna begiztatu orduko, ordea, arin-arin aldentzen da mozkorrengandik. Ikusi duten andrazkoaz liluratuta, ‘gau-txoriak’ atzetik joaten zaizkio bide luzean, alargun eder hori harrapatu nahian. Harik eta, ibili luzeak nekatuta, deitzen dioten arte eta, bat-batean, sorginkeria deseginik, tamarindopeko alargunak bila datozkion galaiengana itzuli eta egiazko aurpegia erakusten dien: zapitan bildutako burezur beldurgarria! Eta, ikuskizunagatik zorabiatuta, parranda-zaleak zerraldo erortzen dira lurrera. [←48] Ekuadorrren, oihanetan aritzen diren nekazariek erre ohi duten sastrakari ematen dioten izena. Horri su emanez sortzen den keari esker, beren buruak piztiengandik babesten dituzte. [←49] (Hoplias patana) Ekuadorko ibaietako arrain mota. Nekazariek jateko harrapatu ohi dute. [←50] (Choloepus didactylus) Ekuadorko zenbait eskualdetan nagi hatzbikoari ematen dioten izena. [←51] (Carapa guianensis) Ekuadorko mendietako belar mota. [←52] (Trema micrantha) Ekuadorko basoetako zuhaixka. Gereziaren antzeko fruituak ematen ditu. [←53] Egungo Ekuadorko Kostaldean, Guayaquil ondoko Puná uhartearen eta Guayas probintziako hegoaldearen artean zabaldurik zegoen kolonia aurreko kultura eta giza taldea. Konkistatzaile espainolek itxura txundigarriko borrokalari gisa aipatzen dituzte. [←54] Ekuadorko gizarte mestizoan, mutil edo neska indiar gazteak deitzeko erabiltzen den herri-hizkerako hitza. Mespretxuzko kutsua du. [←55] Gaur egun Ekuadorko herri-hizkeran oso adiera eta erabilera zabaleko hitza; gehienetan, gutxiespenezko adieran erabiltzen da, hiriko edo mendebaldeko kulturako ohiturak berenganatu dituzten indigena ezikasiak adierazteko, gehienbat. Etnogragiaren ikuspegitik, ordea, Ekuadorko Kostaldean, itsasoaren eta ibai nagusien ertzetan –itsasotik bizpahiru km arteko lur-tartean– bizi den jendaldea adierazten du. Gehienbat, arrantzatik eta itsasoko zein lurreko fruituak inguruetako herrixketan edota ibai zabaletan gora eta behera saltzetik bizi dira, eskolatu ere gabe. Gure idazleak ere, zehazki, adiera hau damaio hitzari. [←56] Sailkapen taxonomikoan duen deitura aurkitzerik izan ez badugu ere, Ekuadorko lagunek esan digute Kostaldean oso ugaria den txoritxoa dela: gure hormatxoriaren antzekoa. Sarritan etxe-barneetara ere sartzen da eta herriak, horregatik, bisitaren baten iragarletzat eta, oro har, adur onekotzat hartzen du txori honekin topo egitea. Izena, berriz, egiten duen txistu laburraren onomatopeiatik datorkio. [←57] (Phalcoboenus megalopterus) Hegazti sarraskijalea. Luma beltzak ditu, urdin ilun kutsukoak; sabela eta buztan aldea, zuriak. Tamainari dagokionez, 50 cm-ko altuera har lezake. [←58] Guayaquildik gertu den Daule herri inguruan ekoizten zen tabakoz egiten ziren puruei ematen zitzaien deitura. Tabako hau artisautzako teknika bidez lantzen zen eta garai batean aski izen handia lortu zuen, Peru eta Panaman saltzera ere iristeraino. [←59] XX. mendearen hasieran Guayaquilgo auzo batek zuen izena. Inguru hau, gaur, salerosgai merkeen azoka kokatzen den ‘La Bahía’ izenez ezagutzen da. Gallegos Lararen garaian herri xehe eta pobrea ibili ohi zen edaritegi narras ugariko ingurua zen. [←60] (Apis sp) Erlearen antzeko intsektua. Txikiagoa da eta horixka. [←61] (Vespa luctuosa) Ekuadorko oihanetan aurkitzen den liztor mota. Kolore urdinekoa da. Bizilekua zuhaitzetan egin ohi du eta arriskutsua gerta liteke, ustekabean estropezu egin baitaiteke beraiekin eta haien ziztada mingarria jaso. [←62] (Ortalis guatata) Ekuadorko lurretan aurkitzen den txindurri mota. Eskualde batzuetan ‘manacaraco’ izenez ere deitzen dute. [←63] (Sicyases sanguineus) Ekuadorko ‘estero’etan aurkitzen den arraina. Izenak ‘pez sapo’ esan nahiko luke. Gaur, kutsaduragatik, apenas aurki daitekeen. Itxura oso itsusia du eta, horregatik, ez da batere estimatua. Horren adierazgarri, zenbait tokitan ematen zaion beste izen hau: ‘pez brujo’. [←64] Independentziaren aldeko borroken garaian Kolonbiako eta Ekuadorko Andeetan jaiotako dantza. Austriako vals-aren egokitze batetik sortua dela diote. Aski arrakasta eta hedapen handia izan zuen XX. mendearen erdialdera arte. Gaur egun Ekuadorko abesti eta herri-dantza bihurtu da; are gehiago: nazioaren sinbolo eta ikur dela ere esan liteke, musika aldetik. [←65] (Artocarpus communis, Artocarpus incisa) Jatorriz, Itsaso Bareko uharteetatik etorritako ‘fruta de pan’ izenez ezagutzen da fruitu hau. Gure gaztainaren antza du. Aski handia da: 30 cm-ko diametroa izan dezake. Azala kolore berdekoa du. Azal barnean biltzen den ale-multzoa erabiltzen da jateko. Aleak gozoak dira eta, ogi-mamiaren itxura dutenez, eman zaio izen hori. Gure lurraldean baliokiderik ez duenez, eman diogu deitura berri hau. [←66] (Carludovica palmata) Hego Amerikako landarea. Hosto zabalak ditu, haizemaile itxurakoak. Ospe handia dute mundu osoan landare honen hostoetatik ateratako hariak baliatuz –hariok zenbat eta finagoak, orduan eta baliotsuagoak– egiten diren ‘sombrero Panamá’ deituriko kapela finak. [←67] Ekuadorko Kostaldearen barnealdean kokatzen diren lurretan (itsasertzaren 2-3 km-tatik haragoko lur lauetan) nekazaritzatik ―abeltzaintzatik, batik bat― bizi den biztanlea. Garai bateko indigenen, espainolen eta beltzen arteko nahasketatik eratorri den giza taldea. Kultur nahiz hizkuntz espresio propioak dituen kolektiboa osatzen dute. [←68] Latinoamerikako hainbat herritan, hitz honen bidez, emakume tankerako gizonezkoa edo gizonezko homosexuala adierazten da; horretatik, ipuineko pertsonaia baliatuz, egileak beren beregiz egiten duen hitz-jokoa. [←69] (Nasua nasua) Ekuadorko herri-hizkeran, koatiari ematen zaion izena. Gehienez ere 50 cm ingurura iritsi litekeen ugaztuna da; buru luzea du eta aho-sudurrak, estu eta luzeak. Pertsonaiaren ezaugarri fisiko hori eman nahi ote da hemen aditzera? [←70] (Calathea lutea) Amerika osoan hedaturiko landare mota. Indiarrek eta nekazariek etxebizitzei estalkia emateko baliatzen dute; orriak, batez ere. [←71] (Eira barbara) Gure arteko erbinudeen antzeko aberea, baina handiagoa (1m luze eta 7 kg izatera iritsi liteke). Tamaina hori dela-eta, jendeak zakurtzat ere hartu izan du. Edozein ordutan, baina batez ere gauez edo egunsenti inguruan ibili ohi da ehizan, lur azalean eta zuhaitzetan. Hiltzaile amorratua da; arratoiak, untxiak, arrautzak, intsektuak, sugandilak… jaten ditu. Ezaugarri horiek direla-eta, badira etxean horrelakoren bat hazi ohi duten nekazariak ere, abere kaltegarriak kontrolatzeko. [←72] (Pouteria sapota) Ekuadorko Kostaldean, ‘mamey’ zuhaitzari eta honen fruituari herriak ematen dion deitura. Izen berezi honen jatorriaz herriak kontatzen duen elezaharrak (Mendialdeko biztanle batek, fruitu hau ikustean, hain atsegin egin omen zitzaion, hazi eta guzti jan zuela, alegia. Baina hazia pozoitsua zenez, hil egin zela) nahikoa garbi islatzen du Ekuadorko Kostalde-Mendialdeko herritarren arteko lehia. [←73] (Ochroma pyramidale) Hego Amerikako oihanetan ematen den zuhaitz mota. Oso egur arineko landarea da. Hori dela-eta, asko erabiltzen da eraikuntza-lanetan. [←74] (Galeichthys felis) Ameriketako ibaietan uso ugaria den arraina. Haragi horixka du; eta, ia arantzarik ez duela-eta, ibia ertzetako choloek asko estimatzen dute jateko. [←75] (Paraponera clavata) Ekuador eta Kolonbia inguruetako basoetan aurkitzen den inurri mota. Handia da (4 cm-tara ere iritsi liteke); buruan adar moduko bi erpin ditu eta pozoitsua da. [←76] Montubioek aihotza loturik eramateko erabiltzen duten gerriko eta zorroa. Olanaz edota larruz eginak izaten dira gehienbat. [←77] (Ficus spp.) Enbor lodi eta egur gogorreko zuhaitza. Ameriketan asko erabiltzen da ontziak egiteko. Hosto zabalak ditu eta adaburu itxia, fruitua, berriz, zuku ugarikoa da. [←78] (Ficus jacobii) Hego Amerika osoan zabalduta dagoen landare bizkarroi baten deitura. Bizkarroi den zuhaitzaren azal gainean itsatsi eta, haren izerdia hartuz, hazi eta gero eta zabalagoa egiten da, lehena hil eta bera bakarrik geratu arte. Horretatik datorkio izena ere. [←79] Ekuadorko nekazarien herri-hizkeran, zekorra, idiskoa. Bide horretatik, zenbait testuingurutan gure ‘morrosko’ esanahiaz ere erabiltzen da. [←80] (Pouteria sapota) Hego Amerikako zuhaitz mota; kordatan zintzilikatzen diren lore gorriztak ematen ditu. Fruitua sagarraren antzekoa da eta haragia, kolore hori ilunekoa; ona da jateko: gozoa eta urtsua. [←81] (Inga feuilleei) Ekuadorko lurralde beheretan oso hedapen handia duen guabo zuhaitzaren fruitua. Metro erdiko luzera duten lekatan dator, kotoi-matazaren antzeko geruza zuri batez estalita; Kostaldeko nekazariek, beren lanen erdian, jan egin ohi dute. Landare hau basa-zuhaitza bada ere, nekazariek kafe landareei gerizpea emateko landatu ohi dute. Ameriketako beste herrialdetan ‘guamo’ eta ‘guama’ izenez ezagutzen dira landare-fruituok. [←82] (Pouteria caimito) Arabi-sagarraren antzeko fruitua, azal gogorrekoa, kolore hori edo berdekoa eta leuna. Kaki fruituaren antza ere badu, baina horrek baino haragi zuriagoa du eta zaporetsuagoa. Oso haragi galkorra duenez, zuhaitzetik hartu ahala jan behar da, bestela galdu egiten baita. Zenbait tokitan ‘caimito’ izena ere ematen zaio. [←83] (Annona muricata) Izen bereko zuhaitzaren fruitua. Amerikako fruiturik onentxoenetakoa, diotenez; ahogozo oso atsegina du, freskagarria da eta gustagarria. [←84] (1909-2003) Gallegos Lara jaio zen urte bereko idazle ekuadortarra. Hau ere, gurea bezala, ezkerreko alderdi bateko militantea eta bere ideiengatik kartzelatik pasa behar izan zuena. [←85] Idazlearen garaian Guayaquilgo industria handiek (La Universal, La Florencia…) markatzen zituzten lan-jardunaren hasiera-amaierak; eta ia-ia egunaren martxa bera ere. Egileak kasu honetan, aipatu gabe, izen ‘handi’ haien nolabaiteko aierupenezko deitura hau asmatu zuen. [←86] (Platanus occidentalis) Ekuadorren, fruta gisa gordinik jaten den platanoari zein platanondoari herriak ematen dien deitura. [←87] Ekuadorko herri-kultura gastronomikoan oso estimatua den goxokia. Osagai nagusia kokoaren mamia da, birrinduta. [←88] Hego Amerika osoan egiten den gozokia. Gomaren antzeko itxura du. Azukre-kanaberaren panela kontzentratua behin eta berriro astinduz eta luzatuz egiten da nekazaritza-kulturako herrietan. Ekuadorren estimu handia dio nekazari giroko herri xeheak, montubioak, choloak edota indigenak direla. [←89] (Eriochloa polystachya) Jatorri amerikarreko belar mota. Ibai ertzetan eta umeltasun handiko lekuetan ematen da. Ekuadorren abereen bazkatarako erabiltzen da. [←90] Edo, osorik esanda, ‘Estero del Salado’. Guayaquil inguratuta dago mendebaldetik mangle eta antzeko landare pila dituen itsasadar-sare zingiratsu batez. Itsasgoratan batik bat, egokia da bertan ontziak ibil daitezen. Ur-beso horiek kilometro asko luzatzen dira lurrean barna eta aski labirinto korapilatsua osatzen dute. [←91] Gaurko Guayaquilgo hilerriaren inguruetan zegoen auzune edo auzo-multzoa. Herri xeheko kideek, dirurik eta lanik gabekoek edo delinkuentziaren atarietan bizi zen jendeak osatutako ingurua. Izena Parejatarren familiaren jabetzako lursail izatetik datorkio: XX. mendearen hasieran, landa-eremuetatik Guayaquilera bizitzera etorritako jendeak beretzat hartu eta etxeak eraiki zituen ‘inbasio’ko lehen auzoetako bat izan zen. [←92] Guayaquilgo gune estrategikoetan, han-hemenka banatuta zeuden suhiltzaileen parkeak. Hiria kokatzen den gunearen beroagatik eta, kontuan izanik hiri hau dela Ekuadorko ekonomiaren motorra, deitura honekin ezagutzen ziren ‘bomba’ deituriko lekuok berebiziko garrantzia izan dute hiriaren bilakaeran; eta hiriak jasandako sute lazgarrietan erakutsitako jokaera aipagarriagatik, aski izen handiko lantaldeak biltzen zituzten. [←93] (Dialium guianense) Amerikan oso hedatuta dagoen zuhaitz eta fruitu mota. Zuhaitz mardula da eta fruitua, mami ilunekoa eta mikatza; baina, uretan irakin eta azukreaz nahasiz, tropikoko lurretan oso estimu handia dioten freskagarria egiten da. [←94] (1873-1935) Idazle, kazetari eta militante komunista frantsesa. Oso aipatua izan zen 1908an haren L’ Enfer (Infernua) nobela naturalista; 1916an izen handia lortu zuen, Le Feu (Sua) nobelari esker Goncourt sariari esker. Lan hori Lehen Mundu Gerran bizitako esperientzietan oinarritzen da eta egileak militarismoari zion gorrotoaren erakusgarri zuzena da. Lan horren ondorengo idatzietan are eta iraultzaileago azaldu zen, harik eta 1923an Frantziako Alderdi Komunistako kide egin eta Batasun Sobietarrean bizitzen jartzeraino. [←95] Jatorrizko hitza mantendu dugu apropos bere jatorrizko idazkeran. Hala ere, argi dago ingelesezko time keeper-etik hartua dela. Lanaren antolaketa ‘modernoa’ak eraginda, lantoki aurreratuenetan, lanorduen kontrola eta langileen sartu-irtenak neurtzen zituen pertsonari ematen zitzaion izena dugu ezbairik gabe. [←96] Ekuador iparretik hegora zeharkatzen duen Andeetako lurretan, lur garaietan, bizi dena. Ekuador, geografia aldetik eta meridianoen arabera begiratuta, hiru eskualde nagusitan banatzen da: Kostaldea, Mendialdea eta Ekialdea, bakoitza oso bereak diren ezaugarrien jabe. Banaketa, esan liteke, kulturala ere badela, biztanleak, geografiako, klimako, demografiako… ezaugarriek baldintzatuta, oso izaera berezikoak baitira bakoitzean. Mendialdea Andeetako lurraldea da; 2.000 m-tik gorako altueran kokatutako herriek osatzen dute. Eskualde honetan dago Quito ere (2.200.000 biztanle), nazioko hiriburua. Areago, banaketak isla zuzena du administrazioan ere. Hezkuntzan eta lanean, adibidez, oso egutegi desberdinak dituzte batean eta bestean, baldin eta ‘régimen de Costa’ edota ‘régimen de Sierra’ jarraitzen den. Mendialdean eguraldi epela dute; inoiz, lurren garaierari lotuta, baita hotza ere. Herrialde indigenetako gizon-emakumeek presentzia nabarmena dute (%45); horregatik edo klimak eraginda, beste eskualdeetakoek baino izaera berekoi edo serioagoa dute. Banaketa horrek baditu eragin politikoak ere, horretatik sortzen baitira idazleak oso modu grafikoan islatzen dituen herrialde batzuen eta besteen arteko lehia eta sestrak. [←97] Ekuadorren mendebaldean, Itsaso Barera ematen duen Kostaldean –hots, Itsaso Barearen isurialdean kokatutako probintzietan– bizi den pertsona. Garaiera baxuan kokatutako lurraldea da, oso laua. Horrek eta ekinokzio-lerro parean kokatuta egoteak klima berezia sorrarazten du: oso bero eta umela neguan eta bero, lehor eta haizetsua udan. Guayaquil da Kostaldeko hiri nagusia (3.000.000 biztanle); bera da Ekuadorko ekonomiaren motorra ere eta beti eskatu izan du maila horren araberako aitorpen eta pisua nazioko gauzetan. Biztanleak oso biziak dira, ekimen handikoak eta ikusmiratzaileak. [←98] ‘El Edén’ekin batera, XX. mende-hasierako areto eta antzoki ospetsu eta puntakoena Guayaquilen. Horren erakusgarri, bertan Anna Pavlova dantzaria ere aritu zela. Izena José Joaquín Olmedo poeta eta independentziaren aldeko borrokalari patriota guayaquildarragandik zetorkion. [←99] Ameriketako zenbait herritan, italiarrak deitzeko erabiltzen den gaitzizena. [←100] Latinoamerika osoan, hertsiki, Estatu Batuetako gizon edo emakumea aipatzeko erabiltzen da. Horiekin parekatuz, alabaina, azal zuri edo/eta ile horiko pertsonak adierazteko ere erabiltzen da. Gehienetan, mesprezu-kutsua du. Dirudienez, ‘green go’ “(begi) berdeak, etxera” oihutik eratorria litzateke. [←101] Gaztelaniako ‘sabio’ hitzaren erroa baliatuz, herriak asko erabiltzen duen hitza eta asmatutako adiera da ‘sapo’ hau: jakituna izan ez eta bere ‘jakitateak’ iruzurrerako edota besteen bizkar bizitzeko nahiz gainetik jartzeko erabiltzen dituen pertsona maltzur eta iruzurgilea adierazteko erabiltzen da; latino amerikarrek ‘viveza criolla’ esamoldeaz adierazten dutena, alegia. Horretatik, idazleak egiten duen hitz-jokoa. [←102] Isidro Ayoraren presidentetza-garaian (1929-1931) Ekuadorren atera zen zilarrezko txanpona. Sucre 1en balioa zuen, baina ordura arteko txanponek baino zilar-kalitate txikiagokoa zen. Deitura hau eman dio herriak txanponari berari ere. [←103] Ekuadorko nekazarien artean, azukre-kanaberaren zuku hartzitua baliatuz egiten den pattarra. [←104] Euskaldun garen aldetik, ohartzekoa da egileak, jatorrizko lanean ere geure erara idatzirik dakarrela: ‘Juancho’, alegia. Euskaldunok Ameriketako espainierari utzi diogun ekarpenetako bat ote? [←105] Kontakizun honen bidez, egileak irakurlearen gogora (eta gogoetara) ekarri nahi du Simón Bolivar eta José San Martín, ipuineko bi pertsonaiek, 1822ko uztailaren 26 eta 27an Guayaquilen, independentzia eskuratzeko kinka hartan, Amerika librearen etorkizuna hizpide, egin zuten elkarretaratzea. [←106] Hego Amerikako independentziaren aldeko borrokaldia: Andeetako eta Rio de la Platako Probintzia Batuetako armadek, José San Martín buru zutela, garaipen erabakigarria lortu zuten 1817ko otsailaren 12an Espainiako erregearen aldeko armadaren bizkar, Santiago (Txile) hiritik iparrera, 50 km-ra dagoen etxalde honetan. [←107] Gudu hau –‘Cancha Rayadako Ezustekoa’ zein ‘Hondamendia’ izenez ere ezagutua– 1818ko martxoaren 19an gertatu zen. Independentziaren aldekoen armada, José San Martínen esanetara, galtzaile atera zen Talcatik (Txile) gertu dagoen leku honetan erregearen aldeko armadaren aurkako borrokan. [←108] 1820ko data honetan gauzatu zen Guayaquilek Espainiarekiko harremanak eten zituen altxamendua. Independentzia zale izateagatik Guayaquilera aldatu zuten militar venezuelar gazte talde batek Guayaquilgo burgesiako intelektualekin bat egin eta, espainiar soldaduak mendean hartu ondoren, egun horretako goizean Guayaquilgo Probintzia Askea eta Guayaquilgo Errepublika izenez ezagutzen den estatua aldarrikatu zuen. Horrek abiarazi zuen Ekuadorko Errepublikaren independentziako gerra. [←109] Guayas probintzian, hiriburutik oso gertu dagoen herria. Bertan eman zen, 1821eko abuztuaren 19an, Ekuadorko independentziako gudu ezagunenetako bat. Guayaquilgo independentziaren aldeko armadak, Antonio José de Sucreren esanetara, mendean hartu zuen Yaguachi inguruetan espainiar erregearen aldekoa eta behin betiko ziurtatu, Guayaquilgo Probintzia Askearen independentzia. [←110] 1822ko maiatzaren 24an, Quito ondoan den izen bereko sumendiaren hegaletan, 3.000 m-ko altueran eman zen gudua. Antonio José de Sucre buru zuen independentziaren aldeko armadak mendean hartu zuen Espainiako erregearen aldeko armada. Gertakari honek Quitoko Presidentziaren independentzia ekarri zuen eta horretatik sortu zen egungo Ekuadorko Errepublika. [←111] Kolonbiako Karibeko kostaldean, Magdalena departamentuan kokatutako hiria. Hor, erretiro-bidean, hil zen Simón Bolivar jenerala 1830eko abenduaren 17an. [←112] Frantziako 1848ko iraultzaren karietara, Paris utzi eta hiri honetara erretiratu zen San Martín jenerala; bertan hil zen 1850eko abuztuaren 17an. Frantziako ipar kostaldean dago Calais-tik gertu. [←113] (Penelope purpurascens) Ekuadorren, soinu karrankaria egiten duen txori mota bat. [←114] (Pipraeidea melanonota) Ekuadorko oihanetako txoria. Kolore urdin eta urdin argia du eta horretatik datorkio izena ere. Mozorro itxura du, begien bueltan daukan marra beltz bat dela-eta. [←115] Hego Amerikako hainbat herrialdetan izen hau ematen zaio abereei zigilua edo seinalea jartzen zaien aro eta lanari. [←116] Ekuadorren, behiaren larruaz egiten den zati bakarreko hedea; abereak lotzeko-eta erabili ohi da. [←117] Horrela –frantsesez eta hitz bakar gisa idatzirik– dakar egileak. Etzanda egotea ahalbidetzen duen aulki edo sofa moduko altzaria adierazten du. ‘Etzaulki’ kontzeptuaz ere itzul dezakegu, gaztelaniazko ‘tumbona’ren adiera jasotzeko. [←118] Ahaleginak ahalegin, ez dut lortu hitz honen esanahia argitzea. Jarduna are zailagoa gertatu zait, jatorrizko hizkuntzan minuskulaz idatzirik datorrelako. Solaskideen iritzien bidetik, halere, ez dut uste okerra izango denik pentsatzea idazlearen garaiko liburu-bildumaren baten izena izan litekeela. [←119] Medardo A. Silva (1898-1919): Guayaquilgo poeta lirikoa. Beste hiru kidekorekin batera, kritikariek ‘La Generación Decapitada’ izenez deitu duten literatur taldeko kidea. Zenbait urteren buruan, denek beren buruez beste eginez amaitu zuten; horregatik, aipatu deitura. [←120] Pierre Loti-ren lehen nobelaren izenburua eta protagonista. 1879an eman zen argitara. Idazlea irakurle frantsesen artean ezagutzera emateaz gain, lanak aski ospe handia eman zion. [←121] Holandan 132 urtez iraun zuen argitaratzaile-familia baten eta, horiekin loturik, haiek argitara eman zituzten liburuei ematen zaien deitura. Liburuok ospe handia lortu zuten XVII. mendean, txikiak, merkeak eta entretenigarriak zirelako. Gure egunotan ‘poltsiko-liburu’ deituraz ezagutzen ditugunen aitzindaritzat har ditzakegu. [←122] Latinoamerikan, arto-irinez, gaztaz eta haragiz prestatzen den jatekoa. Oso hedatua dago kontinente osoan. Osagaiok nahasi eta platanondoaren orritan bildu eta lurrunetan nahiz labean egosita jaten da. [←123] Peru inguruetako indiarren leinu eta talde bat. [←124] Hego Amerika osoan, aita edo familiaburua adierazten duen deitura. Kuttuntasun-kutsua du. Ekuadorren, gutxi bada ere, zerbaiten buru den pertsona adierazteko gertutasunezko deitura gisa ere erabiltzen da, indigenen artean batik bat: taita Dios, taita obispo, etab. [←125] Ameriketako ibaietan barna pertsonak nahiz zamak garraiatzeko erabiltzen den ontzia. Barrualdea zapala izatea da bere ezaugarririk nabarmenena. [←126] Horrela deitzen zaio Latinoamerikan bi ohol-hesiren artean, kale moduko bat osatuz, geratzen den lurrari. Gehienetan estutuz joaten da eta gehienetan abere-biltegi baten sarreran amaitzen da. [←127] (Crotophaga sulcirostris) Ekuadorko txori mota. 30 cm arteko tamaina har lezake. Kolore beltz distiranta du. [←128] Izen hau ematen dioten Ekuadorren hanka luze eta meheko eltxo handiei. [←129] (Pirophorus luminosus) Ameriketako intsektu mota. Sabelaren alde bietan dituen orinetatik gauez argi urdin aski bizia darie eta, multzo handitan ibili ohi direnez, ikusgarria da ilunaren erdian sortzen duten giroa. [←130] (Daptrius americanus) Ekuadorko zapelatz mota bat. Ezaugarririk bereizgarriena da fruituak jaten dituela. Izena hegaztiak egiten duen soinuaren onomatopeiatik dator. Heriotzarekin zerikusia duten elezahar askotan ageri da. [←131] (Eudocimus ruber) Ekuadorko oihanetan aurki daitekeen txori mota. Luma gorriak ditu, marra beltz batzuekin; horretatik, herriak ematen dion izena ere. [←132] (Libidivia corymbosa) Ekuadorko basoetan ematen den zuhaitz mota. Aski handia da: 13 m-ko altuera harrapa lezake. Lore hori biziak ditu eta fruitua, lekale itxurakoa. [←133] (Pistia stratiotes) Euskaldunok “uretako aza” izena eman diogunaren parekotzat har dezakegu landare hau. Ekuadorren ‘lechuga de agua’ eta ‘lechuguín’ deituraz ezagutzen da. Ibaietako ur lohitsuetan, hostoak ur gainean igeri, ateratzen den landare mota txiki eta oso hedatua da. [←134] Jatorri kitxuarreko hitza. Izen hau ematen zaio Hego Amerikan gatzetan onduta jaten den haragiari. Gure zezinaren antza du. [←135] (Tayassu spp.) Zenbait idazleren artean ‘saíno’ eta ‘sajino’ ere ikusi dugu idatzita. Ekuadorren, 50 cm arteko tamaina har lezakeen ugaztun espezie bat. Basurdearen antza du, baina buztanik gabea. [←136] El Tambo deritzon hiritik (Cañar probintzia, Ekuadorko hegoaldean) gertu dagoen gunea. Arkeologia balio handikoa da bertako ‘Inkaren Bainu-tokia’ deitu azterna-multzoa:erlijio-ospakizunetako gunea, ziurrenik. [←137] Andeetako kulturako herrietan, mendikate horren hegaletan, altuera txikian diren ibar beroei ematen zaien deitura. [←138] Hego Amerikan, kultura kitxuarraren eraginpeko herrietan, Eguzki jainkoaren deitura. [←139] Dantzari kitxuarrek bularretik zintzilik eraman ohi zuten metalezko xafla. Jaguar-buru edo abere-zantzuko giza buru baten irudiaz apainduta prestatzen zuten; irudiaren ahoak beste xafla fin eta luzeak izaten zituen zintzilik, dantzaren mugimenduari loturik, soinu erritmikoa ateratzeko. [←140] Ekuador hegoaldeko goi lautadetan –egungo Azuay eta Cañar probintzietan– kokatutako tribuko kidea. Ingapirca eta inguruko lurretan bizi ziren. [←141] (Bixa orellana) Ameriketako lurralde beroetan ematen den zuhaitz-mota. Izena nahuatl hizkuntzako «achiotl»en gaztelaniazko forma bat da. Fruitu mamitsua du eta hazi ugariko landarea da. Hazi horrek, oliotan berotzean, ematen duen margo gorriagatik, Amerika osoan erabiltzen da sukalde-lanetan. Ekuadorren baita ilajea gorriz tindatzeko ere, egungo Santo Domingo de los Tsátsilas-eko «colorado»en taldeko indigenek, gaur oraindik ikus daitekeenez, egiten duten bezala (horretatik, izena), burualdea apaintzeko. [←142] Antzinan egungo Ekuadorko lurretan izan zen leinuko kidea. Shyri, schyri edota scyri ere idazten da. Quitutarren leinukoek caratarrei eman zieten deitura da, zehazki. Caratar hauek 700. urtean K.o. iritsi ziren egungo Ekuadorko Kostaldera eta, Esmeraldas ibaia jarraituz, Andeetako lurretara iritsi ziren, Quito inguruetara, eta erraz menderatu zituzten hango tribuak, agintea egungo Kolonbia, Peru eta Ekuadorko lurretan hedatzeraino, harik eta 1450ean inken inperioak mendean hartu zituen arte. [←143] Inken mitologian, Inti jainkoaren arreba eta emaztea. Jainkosa hau, ilargiak irudikatua, Intiren ondokoa zen inken panteoian, haren maila berean. [←144] Hitzez hitz, ‘kolibri ezkerra’ zein ‘hegoaldeko kolibria’ esan nahi du. Espainiarrak egungo Mexikora iristean, hauxe zen hango goi-lautadetan gurtza hedatuena zuen jainkoaren izena. [←145] Erdialdeko Amerikako erlijio náhuatl-culhua-n, euriaren eta emankortasunaren jainkoaren deitura. [←146] Espainiar konkistatzaileen etorrerakoan, Ekuadorko kostaldean hedaturik bizi zen leinu bateko kidea. [←147] Espainiarren etorrerakoan Ekuadorko kostaldean kokatu eta bizi ziren zenbait leinutako kideen izena. Era berean, Guayas itsasadarra sortzen duen ibaietako baten izena; bai eta Guayas probintzian kokatzen den hiri baten izena ere. [←148] Espainiarrak konkistakoan egungo Ekuadorko lurretara sartzean, egungo Chone ibaiaren ertz eta bokalean kokaturik bizi zen indiar-leinu bateko kidea. [←149] Guayaquilgo golkoko izen bereko uhartean bizi zen leinuko kidea; tumbes izenez ere deitzen zaie. Espainolak iritsi aurretik, gai izan ziren inkei aurre egin eta menpe ez erortzeko. Haien izaeraren adibide argia izan liteke geroago uharte horretan atxilotu eta herio-zigorra eman ziotela Vicente de Valverde, Cuscoko lehen apezpikuari (1541). [←150] (Erythrina crista-galli) Ameriketako zuhaitz mota. Oso deigarria egiten da ematen dituen bost hostoko loreengatik. Estimu handia diote Ekuadorko Kostaldeko lur beroetan, urte asko eta asko irauten duelako eta egiten duen gerizpe zabalak ipuinean aipatu bezalako bilkurak egiten laguntzen duelako. [←151] Inken agintaritzapean, XV eta XVI mendeen artean, Hego Amerikako Andeen mendebaldean hedatu zen estatua. Bi milioi inguru km koadroko zabalera zuen Itsaso Barearen eta Amazoniako oihanen artean, Pasto (Kolonbia) inguruetatik hasi eta Maule (Txile) ibairaino. [←152] Kultura kitxuarreko herrietan, adin eta eskarmentu handiko gizonek osatzen zuten kontseiluko kidea. Berez agintariak izan ez arren, aginte morala eta ahalmen batzuk ere izaten zituzten. [←153] Gure aroko 600 eta 1200 urteen artean Andeen erdigunean, egungo Peru eta Boliviako lurretan hedatu zen zibilizazioa nahiz bertako kidea. [←154] Egungo Peru eta Bolivian zabaldurik, Titikaka aintzira inguruko eremuetan zabaldutako arraza, kultura eta hizkuntza. [←155] Andeetako kultura duten herriek erabiltzen zuten mnemoteknia-sistema: kolore eta luzera desberdineko soka eta korapiloen bidez, kontabilitatea eramateko erabiltzen zuten ‘kipukamayuk’ deritzen jakintsu inkek. Horretatik izena ere. [←156] Jatorria Andeetan duten herri indiarren antzinako biziera; kultura esanahia ere eman dakioke hitzari. Jatorri bereko sendi zabalean eta taldean lan egin eta guztien jabetzako lurrean bizi diren gizon-emakumeek osatutako erkide arteko biziera eramaten dute. Guztien arbaso edo totemtzat hartzen den jatorri bereko ondorengoen familia-multzoa ere adierazten du. [←157] (Agave sisalana) Hego Amerikan ematen den gure arteko pitaren antzeko landarea. Ematen zaion erabilera ere gurearen antzekoa da: lokarriak egiteko. Are gehiago, lokarriari berari ere herriak hala deitu ohi dio sarritan. [←158] Kitxueraz, gizakia. Ekuadorren, behintzat, arraza zurikoek mespretxuz eta iseka gisa erabiltzen duten espresioa, halako hori azkenen artean azkena dela adierazteko. Idazleak, testuingurua baliatuz, zurion jokatzeko eskema darabil beren beregiz, ezinezkoa baita indiar hizkuntza eta kulturako batek irain gisa erabiltzea, haiek ez diotenez hitzari adiera negatiborik ematen. [←159] (Lama glama) Ekuadorren, hegoaldeko lurretan, llama ugaztun ezagunari ematen zaion deitura. [←160] Latinoamerikan, Andeetako lurretan batik bat, landatzen den arto mota. Hitzak landarea bera zein artalea adieraz ditzake. Arto arruntak baino ale handiagoa du eta hango sukaldaritzan, egosita jateko erabili ohi da gehienbat. [←161] (Boa cenchria) Boen familiako sugetzarra. Erdialdeko Amerikatik hasi eta Argentina iparreko oihanak bitartean aurki liteke. [←162] (Physalis pubescens) Ameriketako zuhaitz mota. 15 m inguruko altuera har dezake eta usain gozo eta estimu handiko fruitua ematen du. [←163] Kitxuerari hartutako mailegua. Ekuadorren, ezaugarri zehatz batzuk dituen lur mota bat adierazten du: lantzeko oso erraza eta ura erraz iragazten duena, alegia. [←164] Kitxuerazko hitza. Ekuadorren emakume buruarina adierazteko erabiltzen da. [←165] Kitxuerazko hitza; ‘neskato’ adierazi nahi du. [←166] Ekuadorren, ardo zuriz, arrautza-gorringoz eta beste osagai batzuez egiten den gozokia. [←167] (Lampyris noctiluca) Ekuadorko mendietan aurki daitekeen intsektua; ‘candelilla’ eta ‘carbunco’ izena ere ematen diote. Gorputzeko azken segmentuetatik argi bizia dario. Horretatik, arestian aipatu berri ditugun bi izenok. [←168] Hitz honek (ñaño/ñaña) Ekuadorren, senidea nahiz adiskide oso kuttuna adierazten du. Lagunarte eta familiako hizkeran erabiltzen da. [←169] (Phalcoboenus carunculatus) Bere aurpegi biluziagatik, gure putrearen antza duen hegaztia. Hego Kolonbian eta Ekuadorko Andeetan hedatuta dago. Inken hegazti sakratuetako bat zen. [←170] Ekuadorko hegoaldean kokatzen den Loja probintzian bizi den jendalde berezia. Espainiar kolonia garaian, hauen aurrekoek jendeztatu zuten lurralde hura. Bertakoen eta agian jatorri arabiarreko jendearen arteko nahasketatik sortutako giza talde berezia osatzen dute. [←171] (Ambrosia peruviana) Urtetik urtera jaiotzen den zuhaixka. Zurtoinetatik adar ugari ateratzen zaizkio, hostoz beteak. Landa-inguruetako herritarrek beren etxeetan erretzen dute, usain atsegineko kea egiten duelako eta, bere gaitasun ugarien artean, desinfektatzailea ere badelako. [←172] Latinoamerikan, barazkiak lantzeko erabiltzen den lur-sail txikia, gehienetan beste ezer ez duen jende behartsuarena. [←173] Ekuadorren, bidaiatzerakoan eskuan eramaten diren jakiak. [←174] Ekuadorren, jendarteko hizkeran, besoetako umea adierazten du. [←175] Herrialde kristauetan Erdi Aroan sortu zen Judu Alderraiaren istorio antisemitako pertsonaia. Elezaharrak dioenez, judu batek (izena, herrien/kulturen arabera, ipuin honetakoa edo besteren bat izan liteke) ura ukatu omen zion Jesusi hiltzera zeramatenean eta honek munduan batetik bestera ihes eginez bizitzera kondenatu omen zuen, bere bigarren etorrera edo Parusía arte. [←176] AGUILERA MALTA, D. - GALLEGOS LARA, J. - GIL GILBERT, E., Los que se van. Cuentos del cholo y del montuvio. Editorial Zea Paladines, Guayaquil 1930. [←177] Mariana de Jesús “Nela” Martínez Espinosa (1912-2004), Joaquín Gallegos Lararen emaztea izateagatik gainera, Ekuadorkoko literaturari eta politikagintzari egin zion ekarpenengatik da ezaguna. Feminista eta ezkertiarra, bera da, besteak beste, nazio hartan diputatu kargua eskuratu zuen lehen emakumea. [←178] Adierazgarria da, zein kontzienteki ekin zion Gallegos Larak aipatu poetaren suizidioaren ingurumarian bere literatur lanari. Hamabi urte besterik ez zituen, baina argi zeukan, Zorrilla berri gisa, bere lehen urratsa ematen ari zela literaturgintzan. «Data Medardo Ángel Silvaren suizidio-egunak eman zidan: egun hartan poeta sentitu nintzen… Nire bizitzaren ontzia mila bederatzirehun eta hogeita bataren uberan zihoan, ilusioz eta gazte-goiztiartasunez beterik… Ezin izan nuen, Zorrillak Larraren heriotzakoan bezala, nire ahotsa gure suizidaren buruan irekitako ildoan bota. Oraindik ez nuen ahotsik. Poesia sentipen-olatuen gainez egitea besterik ez zen niretzat: barreneko sua. Hamabi urte nituen… hori bai, han nintzen». [←179] “Variedades” aldizkaria, 60-61. zenb. Guayaquil, 1926ko urtarrila-otsaila. [←180] “Páginas Selectas” literatur aldizkaria, Guayaquil, 1926.
SERGE ‘enarak itzuli dira’ diskoa hemen entzun daiteke – Serge1975.bandcamp.com Azaleko irudia: Haitz de Diego – haitzdediego.com Azal barneko argazkia – Gorka Lasa – kipulastudio.eus AURKIBIDEA ATARIKOA [arkeologia ariketak] Esan zerbait Ekaitzaren erdian Botanika ikasgaia Ispilu hautsien gainean Medikuntza apunteak Akuarela mingotsak (Itoitz eta Artozki gogoan) Habiak ezpainetan Konkistatu beharreko lurraldeak Bossa Nova balkoietan Elurra bezain isil Musuak herrialde euritsuetan Zalantza Miss Ketamina Amaitu gabeko puzzleak (Igor Angulo gogoan) Hotz egiten du oraindik Igande arratsaldeak Hotel Revolución Lasaitzeko mapa bat Disko zaharretan bezala Tranbiak larru gainean Biharamuna Isilpean idatzitako telegramak Ahantzi ez nazazun Mugarik gabeko udazkenak Itsasoaren kolorea Biluzik Eguzki pusketak Postalak Bisita Azaroan erbesteratuta Sorburuak Gernika esaten badut ATARIKOA [arkeologia ariketak] Arkeologiatik hurbil dagoen poema sorta da eskuetan duzuna. Sorta, besterik gabe, liburu edo bilduma izatera iritsi gabe. Indusketetan agertzen diren aztarnak bezala, noizbait bizirik egon zen norbaiten edo zerbaiten arrastoak dira. Blogari, fotolog eta historiaurreko beste garai batzuetan galdu ziren aspaldi, eta desagertutzat izan ditut urte askoan. Larruz aldatzera kondenatutako sugeen an-tzera, batetik besterako bidean gauza asko galdu ditut, baina tarteka baita ezusteko atseginak izan ere. Sormenerako beka batera aurkeztu nituen behin poema batzuk, eta bekarik eman ez zidaten arren, aurkeztu behar zen proiektuaren azalpena eta lagin modura bidalitako hainbat poema azaldu zitzaizkidan egun batean, habiz aldatzeko liburuak, arropak eta gainerakoak batetik bestera mugitzen ari nintzenean. Bizpahiru kopia bidali behar ziren, eta bat gehiago egingo nuen, badaezpada. Fotologek, blogek, disko gogorrek eta webguneek ez bezala, paperak iraun egiten du, oraingoz, eta badaezpadako kopia hari esker lagin modura bidalitako poemak berreskuratu ahal izan nituen behintzat, gainerako guztiak galdu baziren ere. Garai hartan heldu zitzaidan Serge, Eraso! taldearekin zazpi disko plazaratu ostean, bakarkako lehen diskorako abesti guztien hitzak edo poemak nahi zituela esanez. Eguneroko zurrunbiloetan itota eta besterik sortzeko denborarik gabe, berreskuratu nuen poema sorta hura zen haurtzaroan eta nerabezaroan ikaskide izandako lagunari eman niezaiokeen bakarra. Bizpahiru urtean isilpean lanean aritu ondoren, oraintsu bueltatu dizkit, Enarak itzuli dira izeneko diskoan bilduta. Opari ederra izan da. Hitzak askatasun osoz moldatu eta mutilatu dituenez, ordea, diskoarekin batera, bertako zortzi abestien hitzak ez ezik lagunari eman nion poema sorta hura ere argitaratzea erabaki dugu, bere horretan. Labera sartu aurretik, urteek eta distantziak emandako betaurrekoekin irakurrita, edukiari eta estiloari dagokionez zalantzak izan ditut. Handiak. Baina aurrera egitea erabaki dugu azkenean, beste bizitza eta garai batzuetako aztarnak direlakoan, indusketa bateko hezurkinen antzera. Inork arkeologia ariketak egin nahi baditu ere. 2019ko otsailaren 26an Esan zerbait Esan ez dugula inoiz trenik bidali elkarren bihotzetara. Esan zein basamortutan bildu zenituen begi arabiar horiek. Esan kurloirik pausatzen ote den garai hauetan. Esan zergatik egin zenidan irribarre gau hartan. Esan maleta hutsekin aurkitu ninduzula noizbait, hotzegiak direla gutunak eta urrunegi ditugula lagunak. Esan ispiluan ageri diren malko horiek ez direla gureak, ametsen kontrabandoan aritzen garela oraindik eta faroak piztuta ikusten direla ilunabarrean. Esan lehengoak garela gaur ere. Parisen Bartzelonan Amsterdamen Habanan idatzitako postalak ez direla herdoildu sikiera, bihar Cabo Verden ikusiko zaitudala edota oinutsik eseriko garela teilatuetan. Esan zerbait, harea zainetan barrena zabaltzen denean urtarorik umelena bihurtzen baita isiltasuna. Ekaitzaren erdian Batzuetan faroari begira geratzen naiz gauetan. Gaur bezala bihotza lehortzen zaidan egunetan ezin dut besterik egin. Odolik gabe geratu diren zainei begiratu eta ezagutzen ez ditudan arrama antzu hauetara malkoak zabaldu erabat ihartu ez daitezen. Badakit egunen batean loratuko dela zerbait erori naizen zelai guztietan. Badakit erraiak oihuka hasten direnean ezin dela erretenetan datorren itsasgora gelditu, baina batzuetan faroari begira geratzen naiz gauetan, noizbait zure begiak dituen kontinenteren bat erakutsiko didalakoan. Botanika ikasgaia Naturaren mintzoa da, askatasunaren balada botanikoa: hainbeste mimorekin zaindu ureztatu eta maite izan duzun loreak nahiago du kanpoko euria. Ispilu hautsien gainean Ispilu hautsien gainean errari ibilitako erromesak izan gara noizbait. Kristal zatiak ditugu biriketan, baina ikasi dugu amarrak askatzen, eta memorian ubeldutako uberak aingura herdoilduak besterik ez dira dagoeneko. Hotz egiten du oraindik, baina eguzkia atera da. Argia amatatu eta leihoak zabaltzeko garaia da. Sugandilak ere atera dira epeltasun bila, eta trenbidearen beste aldean zain ditugu goldatu beharreko lurrak. Begira zenbat hondar ekarri duen itsasoak hurrengo itsasbeheran bion izenak idazteko. Medikuntza apunteak Behin batean udazkena, eta gaua mendeetan zehar. Isiltasuna atertu gabe orbainetan, herdoilak hartutako fabrika zaharrak, eta iluntasuna besterik ez larrua aldatzera behartutako sugeen begietan. Abandonatutako geltokiak izan gara noizbait, behinola eguzkitan egon eta gero sustraien albora eroritako hosto lehorrak, inork begiratzen ez duen argazki zaharra, malkoei atseden emateko ere lurrik ez duen herria, falta zarenetik lanbroak arratsero idatzitako biografia. Medikuntza apunteetan ere ikas daiteke. Bizitza gordinagoa da bihotza josteko makinatik pasatu ondoren. Akuarela mingotsak (Itoitz eta Artozki gogoan) Goazen beste teilatu batzuetara. Eguraldia ere aldatu da, antzarek lurralde urrunetara egin dute, eta hutsik geratu dira postontziak. Iritsi da hemendik ihes egiteko ordua. Nekatu zaizkigu begiak akuarela mingotsei kolorea emateaz, eta gero eta aterki gehiago ageri da ilunabarrei ateratako erradiografietan. Ezin ditugu orbanak ezkatekin estali. Ez dugu harri artean igeri egiten asmatuko. Goazen beste teilatu batzuetara. Laster eraitsiko dituzte zubiak, eta uda babesleku sargoriekin helduko den arren, hemen, dagoeneko, biziketak ere antigualeko hitzak izango dira. Habiak ezpainetan Enarak itzuli dira. Maletarik gabe, iraganik gabe, ametsik gabe. Gaurko azken trenak utzi ditu geltokian, eta berehala zabaldu dituzte linea berriak teilatuetara. Egunkariei ez zaie nabarmentzekoa iruditu, baina hodeiek ebaki gehiago dituzte orain, egunak errazago odolusten dira, eta arramak agertu zaizkigu zapatetan. Enarak itzuli dira. Utzidazu zure ezpainetan habiak egiten. Konkistatu beharreko lurraldeak Aspaldi erroldatu ginen zalantzaren erresuman eta ordudanik apalagoak dira egunak, udazkenaren kolorea dute urtaro guztiek eta sarerik gabe aritzen gara trapezioan. Bizitzari autopsia egin eta herdoila aurkitu ziguten bihotzetan, orain ez gara hain inozoak, malko gehiago kontatzen ditugu inbentarioa egiten dugun bakoitzean, baina hala ere tranbia koloretsuak dira ametsak. Garaipena gehiago gozatzen duten gerlariak gara musuak egunero konkistatu beharreko lurraldeak direnetik. Bossa Nova balkoietan Bazter auzo honetara aldatu ginen udazkenean, alokairua merkeagoa delako hemen, eta etxea apur bat eguzkitsuagoa. Hala ere, ez genuen kalkulatu lehortzera esekitako koloreak eta tirantedun elastikoak, eguneroko bossa nova salsa samba eta kunbia festak, bizilagunaren sabel dantza ikastaroak eta balkoian erre ohi zituen zigarroak galduko genituenik. Hilaren amaierara errazago iristen gara orain, baina faltan sumatzen dut leihotik begiratu eta Brasilgo turismo bulegoa zabalik ikustea. Elurra bezain isil Elurra bezain isil izarak zabaldu eta zuhaitz izan nahi dut izterrak ezpain bihurtzen zaizkizun itsaso horretan. Musuak herrialde euritsuetan Ilargia bezala erori nahi dut zure begietan eraman nazazu berriro taberna ilunetara eskutik hartu eta sagar heldu berrien bila lehertu ditzagun olatu basatienak ezkutuan goazen herrialde euritsuetan jolastera eta tentazioaren bidean ibiliko gara erromes kalamuaren kaligrafiarekin putzuak eginez lanbroa besterik ez da ageri bazterretan baina bildutako musuekin nahikoa dut gaur zure ezpainak dira aberririk gorriena. Zalantza Benetako besarkadak eta bihotzean sortutako zelaiak garen ala hutsuneak betetzeko eskulturak besterik ez. Hori da galdera. Miss Ketamina Azken portuan aurkitu zaitut gaur eta ezin izan diot zure irribarreari ihes egin. Ketaminari, speedari eta kokainari lotuta bizi zarela, nire begiak zeharo putakumeak direla eta hemeretzi urte izan arren laster hilko zarela esan didazu. Infernua ezagutu duzula dagoeneko, duintasuna gramoka saldu zenuela aspaldi taupada zurien ordainetan, eta azken hiru hilabeteotan hilekorik ez zaizula iritsi. Ezaba dezaket zure musuen zaporea ezpainetatik, kendu dezaket zure geografia oroimenaren mapetatik, baina ez eskatu gau hauetan entzundakoa ahazteko. Gordinegia da bizitza nire bihotzean inoiz sartu den doctor deseoren abesti samurrena musikarik gabe uzteko. Amaitu gabeko puzzleak (Igor Angulo gogoan) Bihar ere aterako ditugu izarak patioan lehortzera Kafearen taupadekin berotuko dugu egunsentia eta leihotik begiratuko diogu aspaldian ateri dagoen herriari. Nonbait, ordea, kresala zintzilik agertuko da ziega urrun batean autopsia egingo diote itsasoari eta hildakoak agurtzera itzuliko gara portura. Ikasiko dugu zapatak lotzen, norbait malkoak lehertzera aterako da eta zure izena idatziko dugu kantoietan. Amaitu gabeko puzzleak geratuko zaizkigu esku artean, ez da pieza gehiago iritsiko gutunetan, baina legoa asko idatziko ditugu oraindik. Bihar ere izango dugu lekurik bandera berriak zabaltzeko. Hotz egiten du oraindik Krabelin gorri bat zabaldu nahiko nuke gaur leihoan hildakoen izenak eman itsasoari eta amantalarekin lehortu azken malkoak. Eguzkia atera da, baina hotz egiten du oraindik. Keak hartu ditu neguaren taupadak, eta betiko kasernetara itzuli dira marinelak. Ez eskatu meniarik gure minari. Kendu amuak zuhaitzetatik. Aspaldi abandonatu behar izan genituen habiak, eta ez gaituzte euriari begira aurkituko. Krabelin gori bat zabaldu nahiko nuke leihoan. Baina lehortutako lurra besterik ez dugu gaur patriketan. Igande arratsaldeak Zer diren igande arratsaldeak zure bisitarik gabe, zer ezkutatzen duten eman gabeko musuek, zergatik ibiltzen garen bizikleta urdinetan, zein itsasotan ote dabiltzan marinel zaharrak, zergatik gustatzen zaizkigun enarak, zer diren mareak latitude hotz horietan, zertarako giltzapetzen dituzten parkeak gauean, zertan aldatu garen azken urteotan, zerbait ekarriko duen haizeak hegoaldetik, zein amets dituzten portura itzultzen ez direnek, zer ikusten den zure leihotik, zenbat gutun gehiago idatzi behar dizkizudan. Zergatik den ilunagoa gaua egunsentia baino lehen. Hotel Revolución tabako ron eta kanelaz sukartutako ametsetan malekoira begira larrutan egiteko erabiltzen dugun hotel zaharkitua besterik ez da dagoeneko iraultza. Lasaitzeko mapa bat Lasaitzeko mapa bat erakutsi nahi dizut gaurko hitzekin. Gorde malkoak egutegiak ospelagoak direnerako. Ahaztu berokirik gabe hotzegiak diren hiriak. Lehen ere badakigu elurtutako kaleetan bidea egiten. Nahi duenean azaltzen den amorante ankerra besterik ez da langabezia, baina ez kezkatu, sasoia heltzean beti urmeltzen da negua. Begira, postal eguzkitsu bat idatziko dizut gaur. Oraindik badugu ogia erosteko eta gasa ordaintzeko adina, eta farola nahikoa ere bai malekoian elkarrekin ibiltzeko. Ez gara galduko zenbaki gorrien geografian. Errenta sakonago batean kotizatzen dute gure musuek. Goazen izter arteko zelaietan marrubiak biltzera, gelditu dezagun denbora hurrengo fakturak iritsi arte, eta hilaren amaieran poema sorta bidaliko dugu bankura. Idatziz erantzun dezatela hipoteka ordaintzeko ez dutela balio. Disko zaharretan bezala hil naizen bakoitzean euria egin du disko zaharretan bezala baina atertzen duenean gorriagoak dira teilatuak kolore gehiago du bizitzak eta zurea bezalako ostadarrak agertzen zaizkit begietan itsasoa ez da inoiz gelditzen beti dago olatu eder bat noizbait berriro aterkiak zabaltzeko. Tranbiak larru gainean herrialde berrietara arribatu gara maletetan gordetako lanbroa ostendu eta eskuak larruaren atelierretatik igarotzen diren tranbiak bihurtu direnetik amaitu dira itsaso beltzetan egindako bidaiak eguzkitan etzanda igaroko ditugu hilabeteak eta kale sargori hauetan libre ibiltzen utziko diogu elkarri baina zure bihotzean erroldatzeko paperak bete behar ditut izarak aldatu aurretik. Biharamuna Esnatu ginenean Hipoteka oraindik han zegoen. Isilpean idatzitako telegramak Egin ditzagun kartografia ariketak. Nonbait bada ametsen errepublika bat. Haizea aldatzen hasi da, eta isilpean idatzitako telegramak bidali behar ditugu eguna argitu baino lehen. Beste gau bat zeharkatu nahi dut zurekin, maitale ezpain hauetan, baina garai hauetan gure musuak ere legez kanpokoak izango dira beharbada. Ahantzi ez nazazun Sortaldera eguzkiaren bila ateratako brigada hura gaur itzuli da, izerdi usainaren bidean, zuk bustitako maindireak banderatzat hartuta. Batzuetan lurralde okupatua da desira, baina mugarri zailduak gara honezkero. Kondenatu nazazu berriro zure bekatuetara, zabaldu kometak gau haizetara, eta ez esan ezer. Hitz egingo dugu bihar goizean, kafesnearekin. Orain, abesti zahar baten babesarekin biluztuko zaitut, ahantzi ez nazazun, bolero hartan bezala. Mugarik gabeko udazkenak Mugarik gabeko udazkenak izango gara beti, biharko marrubi zelaien esperantzan. Ezkutuan lehortuko ditugu izarak, dei galduen bilduna izango da gure biografia eta euria besterik ez zaigu geratuko ezpainetan. Hala ere oheak itsaso bihurtuko ditugu berriro, eta mareak gaua eraman baino lehen bidaliko ditugu mezulariak, zaldi basatiekin. Hire begiak nire alabarentzat, esaterako. Itsasoaren kolorea Gure musuen nazioarteko eguna izango da gaur. Azken telegrama eta taupadetan lehertu diren hitzak bildu eta goazen malekoira postalak idaztera. Itsasoaren kolorea eman nahi diet zure ezpainei. Biluzik Hosto denak erantzi eta biluzik utzi gaitu udazkenak. Hondoratutako itsasontzien paisaia dirudi batzuetan munduak gure leihotik begiratuz gero. Behelainoa ere agertu da berriro, erortzen eta odolusten garen guztietan bezala, haizeak gaur ere zure aldetik jotzen duen arren orduko ez dakit zenbat taupadako bolada indartsuetan. Aintzira urrunetara ihes egindako hegaztiak gara orain. Hosto denak erantzi eta biluzik utzi gaitu udazkenak, baina pagoen denbora guztia dugu urtaro berriak asmatu eta mila koloretan lehertzeko. Eguzki pusketak Euriak lekuz aldatutako itsaso pusketak dira putzuak tangoen hitzak bidali gabeko gutunak apirila managuan edota marrubiak ezpainetan bezala gauak zure begietan amaitzen direnetik bizitzak kolorez aldatutako eguzki pusketak dira musuak. Postalak Zurekin besarkatu ditudan hirien postalak biltzen baditut, ez da nostalgia izeneko hotel batean gauak pianoaren ondoan igarotzeko. Noizbait zure larruaren kolorea izan duten lekuei begira esnatzeko baizik. Bisita hemen amaitzen da kilometroen bilduma. honaino heltzen dira errepideak. karnetak eman guardia zibilei. harresiak. aparkalekua. kartzela. karnetak eman funtzionarioei. metalak irakurtzen dituen uztaia dugu zain. badugu zerbait. utzi eraztuna, giltzak, gerrikoa... berriro ere bai. ea ez dugun besterik, eta eskuz miatu gaituzte, zehatz. baina uztaiak temati segitzen du, asaldatuta. ez dute ulertzen. herdoildu dizkiguten ametsak dira. Azaroan erbesteratuta Azaroan erbesteratuta dabil gaur ere hego haizea. Uso mezulariak bihurtu ditu hostoak, kaleak koloretako gutunekin hartuta, eta zure hitzak ekarri dizkit leihoraino. Sutan dagoen basoa izango da laster ilunabarra. Noizbait izan gaitezkeenaren memoria idatziko du keak ohera iristen denean, eta oraingoan ezingo ditugu ezabatu bisitarik gabe geratutako musu guztiak. Berriro ere zure ondotik aldendu behar badut, sukaldetik trufa izoztuekin itzultzeko soilik izan dadila. Sorburuak egun haietan ez zekiten oraindik baina aurreko bizitzetan hasi ziren bien ametsak besarkatzen, batek eguzkia eta besteak sugandila beltza tatuatu zutenean. elkarrentzat lehen aldiz biluztu ginenean ulertu genuen egun haietan hasi zela euritan gaur eskuetan dugun erreka. Gernika esaten badut gernika esaten badut lanbroa ageri da sagarrondorik gabe geratutako historia liburuetan. gernika abesten badut maite ditudan bazterrak betetzen dituzte hildakoen izenek oraindik galdu gabe dagoen toponimian. gernika ikusten badut lapurtutako koadro bat dago munduari begira hemengoa ez den museo batean. gernika oroitzen badut zure ezpainak dira itzaltzen ez den suak hartuta. gernika idazten badut dornier, junker edo heinkel bezalako hitzekin harriz betetako basamortua zabaltzen da azoka egunetan. gernika esaten badut gernika abesten badut gernika ikusten badut gernika oroitzen badut gernika idazten badut errautsetatik koloreak bildu dituen herri bat erakusten ari naiz munduko gernika guztiekin batera [sarajevo, bagdad, gaza, donbass, kobane…] koadroa noiz amaituko den galdezka.
LEHENENGO TOPAKETA auzotarra 1 auzotarra 2 sukaldaria karrosa (aulki pirriladuna), taxi lanak egiteko Sukaldaria, emakumezkoa da Auzotarra 1, tarteka, beti eskuan edukiko dituen pala eta erratza baliatuz, zikinkeria ikusezinak biltzen arituko da. Behar izanez gero, aldian behin karrosa (aulki gurpilduna) azalduko da auzotarra 1ek bildutako zabor ikusezina biltzera ABESBATZA (Xenpelarren Iparragirre abila dela…) Heldu da eguna, heldu da ordua dastatzeko intxaur fartsa natarik ez du baina badauka pipermina eta gatza. Zatoz gure plazara damutuko ez zara alai zazu aurpegia: algara batek bereizten ditu gezurra eta egia. Jendea marmarka, ez dator inor… bateren baten zain daude aktoreak! Auzotarra 1 eta Auzotarra 2 batera eta bestera… Karrosakoak ere bai, argazkiak ateratzen eta abar… Telefonoak erabili… AUZOTARRA 1 Koberturarik ez! AUZOTARRA 2 Koberturarik ez, hemen? Nola ez dugu edukiko koberturarik plaza agerian! AUZOTARRA 1 Hemen bai! Santimaminen daude koberturarik gabe! AUZOTARRA 2 Santimaminen? AUZOTARRA 1 Azpi horretan! Telefono batek jotzen du. Norena ote den, konfusioa. AUZOTARRA 1 Egunon bai! Non zaude ba? Non? Oihu batzuk jendearen atzetik, metroaren sarreran SUKALDARIA Hemen naiz! Hemen! kaixo, morroiok! Badator jokalekura. Bere lanbideko jantzian, kapelu eta guzti. Laban handi bat dakar gerrian, Donostiako danborradako zurezko tresnen estilokoa. SUKALDARIA Brrr! Hotza egiten duela azpi horretan! AUZOTARRA 2 Santimaminen hotz handiagoa egiten zuen, gogoratzen zara? SUKALDARIA Ni ez nintzen Santimaminen bizi, ni Landarbason bizi nintzen. AUZOTARRA 2 Euskaldun epela! SUKALDARIA Intxaurrak behar ditut. AUZOTARRA 1 Leku ederrera azaldu haiz… SUKALDARIA Intxaur naturalak, biointxaurrak, eta jator esateko, "Intxaurrondoko intxaurrak". Adarretik mahaira. AUZOTARRA 1 Hemen, egia esan… AUZOTARRA 2 Hemen adarrak egongo dira nonbait, baina… SUKALDARIA Hau ez al da Intxaurrondo? AUZOTARRA 1 Hego Intxaurrondo edo Polloegaina. SUKALDARIA Ez zait interesatzen Polloe. AUZOTARRA 1 Txurkoeneko baratzea. Baratze hobeagorik! SUKALDARIA Hezurrak eta haragi ustela… AUZOTARRA 1 Baita harrak ere, Txinan harrak jaten dituzte SUKALDARIA Emeak ere bai. Kontuz mingain hori! AUZOTARRA 1 Beste zerbait asmatu beharko duzu, hemen ez dago intxaurrik. SUKALDARIA Tira, ikus ditzagun intxaurrondo horiek! Intxaurrondoak edukiko dituzue Intxaurrondon, ezta? AUZOTARRA 1 Trenak jan zituen Intxaurrondo zaharrean. SUKALDARIA Ez da posible! AUZOTARRA 1 Eta Hego Intxaurrondon genituen apurrak metroak jan ditu. Zuztarretik gainera. Hain zuztar luzeak zeuzkaten intxaurrondo haiek… Batere gabe utzi gaituzte. SUKALDARIA Hau miseria, hau miseriaren beltza, hau bertsolaritzaren miseria! AUZOTARRA 1 Sukaldaritzaren miseria esan nahiko zenuen noski. SUKALDARIA Nola, zer duzu zuk gure kontra? AUZOTARRA 1 Entzun, sukaldari anderea: hainbeste injustizia pairatu behar izan dugu… AUZOTARRA 2 Intxaurretaraino gaude! AUZOTARRA 1 Hemen ez da arazoa konponduko gillotina bat jartzen ez badugu. SUKALDARIA Hummm! Interesgarria. Sukalde tresna interesgarria izan liteke gillotina. AUZOTARRA 1 Gillotina hementxe, plaza honetan bertan! ABESBATZA 40" (Iparragirreren Zibilak esan naute…) Ogiak mantentzen du anitz lepogizen gure kalte askoren zuztarra hori zen. Laster dugu ekarriko Andre gillotina botikarik onena kentzeko zotina! gillotina aipatutakoan, telefonoa hartu eta : AUZOTARRA 1 Aloh? Robespierre, sil bu plé? Telefonoa tapatuz, jendeari: Asanbladan dago, hau beti dago asanbladan. Telefonotik, ozenki, batetik bestera mugituz: Robespierre? Içi Prakagorri! Pra-ka-gorri. Hi, edukiko duzue hor nonbait gillotina zaharren bat… Nola? Denak okupatuak? … Beraz, ez duzuela iraultza esportatu nahi … E, guk ongi ordainduko genuke: jeke bat espero diagu laster, finantzatuko digula esan ziguk… Iraultza finantzatu, bai … Ongi, iraultza herrialde bakarrean orduan … Troskista, ni? Hi estalinista! … Aditu al duk? Aditu al duk? … Robespierre? Robespierre? Robes… Publikoari: Lepoa moztu diote! Lepoa moztu diote Robespierreri! SUKALDARIA Teknika handia behar da horretarako. AUZOTARRA 1 Behar dena, gillotina da. SUKALDARIA Utziko al zenidake segapotoa faborez? Dei bat egin behar dut. AUZOTARRA 1 Ezin dizut utzi, ez dakizu nola gauzkaten orain! SUKALDARIA Nola zauzkate orain? AUZOTARRA 1 Ez digute laneko telefonotik dei partikularrik egiten uzten. Pentsa, oporretara ere ezin ditugu eraman. Izugarrizko murrizketak. SUKALDARIA Murrizketak, esadazu niri! Jenero eskasian daude maila goreneko platerak. Horregatik nago hemen. AUZOTARRA 1 Eta gaueko txandan gakotu egin dizkigute orrialde beroetako sarrerak Interneten. SUKALDARIA Halakorik! Gauez egiten duen hotzarekin! Publikoari: Gizonezkoak…! Ez bururik ez buztanik! AUZOTARRA 1 Esan dizugu, gillotina jarri behar dugu plaza publikoan. SUKALDARIA Kontaktu asko al dauzkazu Frantzian? AUZOTARRA 1 Zu… zu espioitzan zabiltza, ezta? SUKALDARIA Beharko! Konpetentzia izugarria daukagu sukaldariok. Badakizu, lehia-kor-ta-su-na… AUZOTARRA 2 Gillotina lau turnotan gelditu gabe Sagasti Ederren! SUKALDARIA Sagasti Eder? AUZOTARRA 1 Plaza honen izena. SUKALDARIA Ikustagun… Aizu, zuhaitz hauek ez dira sagarrondoak! Badoa sasi zuhaitzetara, hartzen du fruitua, probatzen du. Tu egiten du, eztulka hasten da… AUZOTARRA 1 Ez, ez dira sagarrondoak. SUKALDARIA Sagarrondorik gabeko sagastia, beraz! Interesgarria, sagarrik gabeko sagar tarta, sagarrik gabeko konpotak… AUZOTARRA 2 Sagarrik gabeko sagardoa… SUKALDARIA Sagasti Eder, sagasti alfer! AUZOTARRA 1 Intxaurrondon bizi gara eta ez daukagu intxaurrik, ez onik ez ustelik. Sagasti Ederren bizi gara eta ez daukagu sagarrik, ez ederrik ez itsusirik. SUKALDARIA Hau miseria, hau miseriaren beltza, hau bertsolaritzaren miseria! AUZOTARRA 1 Sukaldaritzarena esan nahiko zenuen noski? SUKALDARIA Eta hura, zer da hura? (eskua kopetan bisera) AUZOTARRA 1 Koldobika Jauregiren eskultura bat. SUKALDARIA Zer eskultura eta zer kultura puntu kom! Zaldiak dira! AUZOTARRA 1 Dokumentuak ikusi al dizkiezu? SUKALDARIA Zer? AUZOTARRA 1 Izan litezke behorrak. SUKALDARIA Zaldiak edo behorrak, hor zaldi-hankak ikusten ditut nik. AUZOTARRA 1 Izan litezke behor-hankak. Hemen feminista asko dago, ez dakit zu nola ez zaren feminista, emakumezkoa izanda. SUKALDARIA (kasurik egin gabe, eskulturari begira) Hummm… Interesgarria, txit interesgarria! AUZOTARRA 1 Granitozkoak direla esango nuke nik, hanka horiek. SUKALDARIA Badakizu? Gustatzen hasi zait auzo hau…. ABESBATZA 40" (Iparragirreren Zibilak esan naute…) Amak esaten zidan bazkaltzeko ondo platera bat barbantzu eta bi mondongo. Baske, baske, baske, baske onik non egongo? Baske Kulinari Zenter onena Intxaurrondo. AUZOTARRA 1 Orduan, gustatzen zaizu gure barrioa? SUKALDARIA Nazkagarria iruditzen zait, eta horrek… horrek balio erantsia dauka! Karrosa jokalekuan barrena saski bat daramala. SUKALDARIA Zer ote darama horrek saskian? Garirik gabeko ogia, agian? AUZOTARRA 1 Zu, geldi hor! Buru bat ateratzen dute saskitik, buru lepamoztu bat. SUKALDARIA Ooooooh! AUZOTARRA 1 Aaaaaah! SUKALDARIA Baina hau… AUZOTARRA 1 Robespierreren burua da... Gizajoa! AUZOTARRA 2 (publikoari) Ergela! SUKALDARIA Hummmm…! Aizu, lagun, adiskide. gillotina oso makina interesgarria da… AUZOTARRA 1 Baina ez daukagu, eta ezin dugu inportatu. Frantsesek daukate esklusiba eta ez zaie batere geratzen almazenean. Eta patentea kopiatzeko dirua behar da. Itxaron. Segapotoa atera, markatzen du, batetik bestera publikoaren aurrean… Boabdil! Boabdil! Salam aleykum! … Içi Prakazuri! Pra-ka-zu-ri! … Ongi, eta zu? … Ongi, eta zure emazteak? … Gazteena haurdun? … Pozten naiz! … Ongi, eta zure semeak? … Ongi, eta zure anaia? … Ongi, eta zure astoa? … Israeldarrek jan? … Palestinaren alde hil da gizajoa! … Bai, noski, noski, israeldarrak gizentzeko! … Erromes abiatu zarela? … A bai? … Ongi, ongi, Alak gida zaitzala basamortuan! … Baita zuri ere! … Berdin … Publikoari: Nola arraio etorriko da jekea, astorik gabe? SUKALDARIA Begira, nik ordainduko nizuke ondo…, ondo samar alegia, gillotinaren produkzioa. AUZOTARRA 1 A bai? Gerrian dakarren labana hartu eta manipulazio batzuk egiten ditu saskian… Gero, labana gorriturik ateratzen du saskitik, tantaka. Gerrian sartzen du ostera. Eskuak garbitzen ditu Auzotarra 2k eskaintzen dion urarekin. Lehortzen ditu karrosakoak eskaintzen dion toilarekin. Azkenik parsimonia handiz, eskunarru profilaktiko bana janzten du. Ondoren, eskua saskian sartu eta benetako txekor mingaina ateratzen du. SUKALDARIA Robespierreren mingain rebozatua intxaur-saltsan! Auzotarra 1 geldirik, telefono deiak egiten eta batekin eta besterekin hitz egiten. Eta produktua erakusteko oihu bera errepikatuz ibiliko da jendearen aurrean. Atzetik Auzotarra 2 doakio, publikoari esplikazio hau emanez ahapetik: AUZOTARRA 2 Intxaurrik gabeko intxaur saltsan! Intxaurrondoko intxaur-saltsan! Badoa karrosa bere saskiarekin, eta haren atzetik doaz Sukaldaria eta Auzotar biak. Guztiz erretiratu baino lehen: AUZOTARRA 2 Hau miseria! Hau miseria beltza! Hau bertsolaritzaren miseria! ABESBATZA 1' 40" (Emakumezkoak bakarrik, Hegoak ebaki banizkio…) Ipini banizkio adarrak senarraren negarrak kukurruku oilarrak baina horrela intxaurrak zizkidan emango eta nik ustela nuen jango! Ipini banizkio adarrak senarraren negarrak kukurruku oilarrak baina horrela sagarrak zizkidan emango eta nik ustela nuen jango! BIGARREN TOPAKETA auzotarra 1 auzotarra 2 boabdil Sukaldaria bazter batean arituko da, mahaitxo batean, janariak manipulatzen. Tarteka, jesarri egingo da: ura edan, intxaurrak hautsi, antzerkia jarraitu… Intxaurrak emango dizkie ikusleei, eta bestelako jatenak: mingain errebozatua, esaterako (Robespierrerena, suposatzen da). Auzotarra 2, lehen egintzan bezala, gauza ikusezinak biltzen ibiliko da erratzarekin eta palatxoarekin noizean behin. Jekea, aberastasun ezaugarriak eraztunez eta horrelakoz. Eraman ditzake eguzkitarako betaurrekoak ere, noizean behin kopetara eramanez zer edo zer hobeto ikusteko eta abar. ABESBATZA (Xenpelarren Iparragirre abila dela…) Batzuek barre, besteak irri, hauxe da ikusgarria mozkortzen ez gaituen sagardoz kentzen dugu egarria. Hemen dator jekea bidean zer nekea andre gazte baten bila: urriarekin aspertu eta orain nahi du apirila. Jendea zain, ez dator inor… bateren baten zain daude aktoreak! Auzotarra bat eta auzotarra bi batera eta bestera… Karrosakoak ere bai, argazkiak ateratzen eta abar… Telefonoak erabili… (lehen egintzaren hasierako urduritasun berdina) Bitartean aurreskua jotzen txistularia, eta dantzaria dantzan. AUZOTARRA 2 Koberturarik ez! AUZOTARRA 1 Euskotren defizientziaz betea dago! AUZOTARRA 2 Agian Zarategitik irten da Sagasti Ederrera etorri gabe! AUZOTARRA 1 Ez, kartela ipinia dago: Antzerkia hemendik, eta gezi bat marratua Sagasti Ederrerako eskaileretara. Telefono batek jo du. Norena ote den, konfusioa. AUZOTARRA 2 Salam Aleykum! Non zaude ba? Non? Metroaren sarrerarantz abiatzen dira tarrapataka, baina han ez da inor ageri. Beste aldetik dator Boabdil:itxura bikaina dauka, bere jantzi arabiar dotorearekin. Benetako jekea dirudi. Lepoan dakar pelestindarren kuffia. BOABDIL Jainkoak egun on dizuela! Lasterka berarengana dantzaria eta txistularia. Aurreskuaren azkenera heldu da. Berak ere makurtzen du burua, eskertuz. Poltsa bat ateratzen du, eta poltsatik urrezko txanpon mordoa: txistulariari eta dantzariari ematen die. Lore sorta bat ematen diote. Asko estimatzen du Boabdilek. Ondoren, erregeren tronua balitz bezala, karrotan ibiliko dute. Publikoan dauden emakumezkoen artean banatzen ditu loreak Boabdilek bere karrosatik, "Salam Aleykum, emazte maiteok!" koipetsu esanez. Bitartean, dantzaria, axolagabe, txanponak zabaldu eta barruko txokolatea jaten hasi da. Txistulariak haserre egiten dio, jendearen aurrean halakorik ez egiteko adieraziz. BOABDIL Salam aleykum! Salam aleykum, intxaurrondotarrok! Salam aleykum! IKUSLEEK Salam aleykum! BOABDIL Zuek intxaurrondotarrak eta intxaurrik gabe, gu arabiarrak eta petroliorik gabe: zuek eta gu, intxaurrondotarrak eta arabiarrok, senideak gara, anai-arrebak gara. AUZOTARRA 1 Baina guk ez daukagu intxaurdolarrik, ez sagardolarrik. AUZOTARRA 2 Pobre bizi gara, Boabdil. Tristura handian bizi gara. AUZOTARRA 1 Zorrez beteak gaude. BOABDIL Hori ez da posible! Zorrez beteak eta triste! Tristea, zorrik gabeko bizitza da! Kreditu berria eskatu behar zenuke, alaitasun pixka bat izateko! AUZOTARRA 2 Barkatu, Boabdil, erabaki al duzu Meskita non egin? BOABDIL Ni ere pobrea naiz, ez pentsa. Txalo jotzen du. Bere zerbitzaria azaltzen da. Astotxo bat dakar (kartoizkoa da, pirrilen gainean dabil). Boabdilen aurrean utzi eta badoa burumakurtu batzuk eginez. BOABDIL Hauxe izan da nire rolls royza. AUZOTARRA 1 Honekin etorri al zara honaino? BOABDIL Israeldarrek jan zidaten asto zaharra, bide guztiak zekizkiena. AUZOTARRA 2 Eta honen gainean iragan duzu basamortua? Eguzkipean? BOABDIL Ez, gerizpean etorri naiz bide osoan, gerizpean eta inork ikusi gabe. AUZOTARRA 2 Ez da sinestekoa! AUZOTARRA 1 Basamortuan inor bizi al da ba? BOABDIL Lehendabizi Gazara, eta gero palestinarrek egindako Gazako tuneletik Intxaurrondoraino zuzen, Euskotrenen tuneletan barrena. Gu tuneleko gizakiak gara, arabiarrak eta euskaldunak. Elkar ulertzera kondenaturik gaude: hala nahi du Alahk. AUZOTARRA 1 Gu ez gara arabiarrak, gu berbereak gara. BOABDIL Berbereak, barbaroak. Jatorriz aldatzea komeni zaizue. AUZOTARRA 2 Aizu, Boabdil, ez al duzu esan israeldarrek jan zizutela bidea zekiena? BOABDIL Bai. AUZOTARRA 2 Baina asto berriak ere ekarri egin zaitu. BOABDIL Berak ni ekarri baino, nik ekarri behar izan dut gehiagotan. Ez duzu ikusten kartoizkoa dela? AUZOTARRA 1 (publikoari) Motza izan behar du batek, kartoizkoa dela ez konturatzeko! BOABDIL Oso asto praktikoa da: ez du arrantzarik egiten. Isilean etorri naiz. Israeldarrek ezin izan naute harrapatu. AUZOTARRA 2 Asto guztiak Intxaurrondora datozela badakigu… Ikusi, belarrik gabe utzi gaituzte. Zementu hutsa. BOABDIL Hala nahiko du Alahk. Edo Tel-Avivek, auskalo. AUZOTARRA 2 Beraz, meskita bat eraiki nahi duzu hemen, gu musulman bihurtzeko. BOABDIL Proiektu asko dauzkat. Jendearen aurrean paseatuz, txilabaren azpian daukan Barçaren kamiseta erakusten du, harro: "Qatar Foundation". Auzotar biak, "Qatar Foundation" ikusirik, txundituta geratzen dira. AUZOTARRA 1 Ka-tar fo-un-da-tion!! ! AUZOTARRA 2 Kátar fundeíxon!! ! AUZOTARRA 1 Atletismoko pistak kenduko dituzu Anoeta Stadiumean? AUZOTARRA 2 Kontxa pribatizatuko duzu? AUZOTARRA 1 Meskita bihurtuko duzu Tabakalera? BOABDIL Ikusiko dugu. Proiektu asko dauzkat. Bilera sekretu bat daukat bihar PROGIBELekin. Sukaldariak, mahaiko lanak utzita. SUKALDARIA Progibel… Gibelaren aldeko elkartea! Zer ideia ona! Ni GIBELaren PROfesionala naiz! Badator Boabdilengana bera ere. AUZOTARRA 1 Progibel? AUZOTARRA 2 Zer da hori? BOABDIL Provisional Government of Igeldo. SUKALDARIA, AUZOTARRAK Zeeer? BOABDIL Igeldoko Gobernu Probisionala. Klandestinoa da oraindik, baina Igeldoren aldeko botoa emango dugu arabiarrok Nazio Batuen hurrengo Batzar Nagusian. SUKALDARIA Hau miseria, hau miseriaren handia! Hau tomate hidroponikoaren geza! BOABDIL Erabaki estrategikoak hartuko ditugu. Zumalakarregi jeneralak zuzenduko du bataila guztien ama. Fronte berri bat irekiko du Igaran seguru asko, Antigua bizkarretik okupatzeko. Hondartza behar du Igeldok. Emakumezkoak karrosarekin, panfletoak banatzen publikoari: "Poligamia, emakumearen esklabotza". Boabdili ere ematen diote. Irakurri egiten du. BOABDIL Hau eta arraioa! Profetaren izen garbia zikintzen! Melodia arabiar bat. Boabdilen telefonoa da, joka. Ateratzen du telefonoa noizbait. BOABDIL (zenbakia ikusirik) Obama! Mai friend! Mai broder! Jaguar yu, Obama? Batetik bestera doala bere Barçako kamiseta erakutsiz. ... Eta zure emaztea? … Oraindik haserre? … Eta zure alaba nagusia? … Eta zure alaba gaztea? … Eta gurasoak, ondo beti? … Eta… Bai zera! … Larria da, bai! … O, ez, hori ezin dut! … Beri beri beri zaila dago Siriako gatazka … Ba niri israeldarrek astoa jan zidaten lehengo astean … Ezin duzula ezer egin? … Guk, lehen, kartoia ematen genien astoei jateko … Entzun, entzun Obama, mai broder, entzun ongi: lehen kartoia ematen genien astoei jateko, eta orain astoak egin behar ditugu kartoiarekin! Haserre, eten egiten du komunikazioa. Lehengo lekura doa Sukaldaria, bere buruarekin hizketan. SUKALDARIA Kartoia, izan ere, frijitu egin liteke, egosi egin liteke, gordina ere samurra da, eta inprimatu egin liteke… "Jan nazazu nik jango zintudan bezala"… Interesgarria, txit interesgarria… Zintudan edo zintuzkedan? Bere lan-mahaira doala, Boabdilen astoa hartu eta eraman egiten du. Ongi lotu eta labana zorrozteari ekiten dio. Geroxeago, astoa desagertu egingo da… ABESBATZA (Iparragirreren Zibilak esan naute…) Jekeak behar gaitu egin musulmanak fede berrian gaude sendo hitz emanak. Asto guztiak ez daude Igeldoko erroldan: kartoia jatea 're jarriko da modan. BOABDIL Zertan ginen? Oraindik eskuan daukan papera seinalatzen dute Auzotarrek. AUZOTARRA 1 Zenbat emazte dituzu zuk? AUZOTARRA 2 Zer egin behar nuke musulmana izateko? BOABDIL (papera kopetara eramanez, bisera) Eta hori? AUZOTARRA 2 Zer hori! BOABDIL Horko menhir berezi hori. AUZOTARRA 2 A, ezetz asmatu zer diren menhir horretakoak! BOABDIL Nik esango nuke… Nik esango nuke horko horiek ez direla zaldi-hankak! AUZOTARRA 2 Ez, ez dira zaldi-hankak BOABDIL Behor-hankak direla esango nuke nik! AUZOTARRA 2 Ez ba, ez duzu asmatu! BOABDIL Orduan, ez dakit zer izan litezkeen. AUZOTARRA 2 Horko horiek, asto-hankak dira! BOABDIL Asto-hankak!!! Ez da egia izango…! AUZOTARRA 2 Bai. AUZOTARRA 1 Egia berdaderoa. Mahomaren erlijioa bezala. AUZOTARRA 2 Basamortuan kartoia jaten zuten astoen omenez egina da! BOABDIL Alahren bideak Euskotrenarenak baino bihurriagoak dira! AUZOTARRA 1 Zenbat emazte eduki lezake musulman batek? BOABDIL Zenbat amorante eduki lezake kristau batek? AUZOTARRA 2 Oroitzen, Boabdil, Orreagako batailan, nolako julipa eman genien nafarrok eta arabiarrok bat eginda, kristau energumeno haiei? Telefonoak jotzen du, lehengo melodia arabiarrarekin. BOABDIL (zenbakia ikusiz) Vladímir Vladimírovitx Púttin! ! Mai friend! Mai broder! Jaguar yu, Púttin, tobáritx? Batetik bestera, goraki hitz eginez, jendearen aurrean nabarmen, tarteka txilaba zabalduz "Qatar Foundation" erakusteko: ... Pozten naiz. Eta zure nobiak? … Oraindik horrela? … Eta zure ama maitea? … Eta zure aita beneragarria? … Eta arreba disidentea, ondo beti? … Eta… Bai zera! … Lan du sinesteak! … Utzi hori nire kontu! … Igeldoren aldeko botoa segurtatua dago! … Obama deika ari zait, bai … Zu lasai! … Aizu, entzun Vladímir, mai fiend, mai broder, tobáritx: ezagutzen Intxaurrondo? … Zure zerbitzu sekretuak ez dute ongi turulatzen, Vladímir! … In-txaurr-on-do, Basque Country, muino estrategikoa, Eroski aireportua … Independentzia nahi dute, Igeldok bezala … Bai? … Asko eskertzen dizut … Kontuan edukiko dut … Txao, Vladímir. Besarkada. Denak harri eta zur, noski. AUZOTARRA 2 Zuk nondik atera duzu…? BOABDIL Nola ez nuen ahalegina egingo zuen alde, zuek, intxaurrondotarrok, beduinoaren asto zintzoak munduan daukan monumentu bakarra eginda gero? Auzotarra 1 tekla zapaldu eta zapaldu ari da mugikorrean. AUZOTARRA 2 Zer ari zara? AUZOTARRA 1 Mao Tse Tuni deika ari naiz, baina ez du hartzen. AUZOTARRA 2 Zertarako behar duzu Mao Tse Tun? AUZOTARRA 2 Txinak betoa jarriko duen jakiteko. Ahaleginean segituko du, alferrik. BOABDIL Púttinek esan du aztertuko duela zuen eskaera. Lanean jarriko ditu diplomaziaren zerbitzu zikinak. AUZOTARRA 1 Baina zuk uste duzu Púttin…? BOABDIL Zor dizkit fabore batzuk. AUZOTARRA 1 Hau miseria! Hau miseriaren handia! Hau intxaur ustelaren nazka! BOABDIL Zer duzu ordea? AUZOTARRA 2 Izan ere, guk…. AUZOTARRA 1 Guk ez dakigu zer garen gu! BOABDIL Erabakitzeko eskubidea duzue: intxaurrondo ala sagarrondo. AUZOTARRA 1 Bietan ondo. AUZOTARRA 2 Gu, zer gara, eh? Altza ala Egia? AUZOTARRA 1 Gezurra ez behintzat. BOABDIL Intxaurrondo bazarete, zertarako izan behar duzue beste ezer? Leninek ez al zion independentzia eman Astigarrari? Astigarra astigarra baldin bada, zergatik ez da izango Intxaurrondo intxaurrondo? AUZOTARRA 1 Egia da! AUZOTARRA 2 Altzak ez du palmondoa izan nahi! AUZOTARRA 1 (zeruan ikusiko lukeen titulua irudikatuz eskuarekin) Islamik Republik of Intxaurrondo… Hau intxaur-saltsa jarri diguzuna, Boabdil! ABESBATZA (Iparragirreren Zibilak esan naute…) Boabdilek esan du egia galanta zuztarretik kenduta gezurraren planta: Hemengotarrak gara 'ta ez beste inongo: enbor bereko adarra beti Intxaurrondo! Sukaldaria bandeja batekin, jendeari eskaintzen SUKALDARIA Kartoi triangelu kurruskariak, Kartoi triangelu kurruskariak Rifeko mendabelarrarekin! AUZOTARRA 1 Zer uste duzu zuk, astoak garela kartoia jateko? SUKALDARIA Hobe guk jatea kartoia, bestela gu baino hobeak hasiko dira egiten kartoiarekin. AUZOTARRA 1 Nondik atera duzu jaki hau? AUZOTARRA 2 Alegia, nondik atera duzu kartoia? SUKALDARIA Alahren bideak Euskotrenarenak baino bihurriagoak dira. BOABDIL Egia handia da hori! Dastatu egiten du triangelu bat, eskultura aldera begiratzen du. BOABDIL Horiek, asto-hanka horiek, asto emearen hankak dira! Halako dotorezia, halako fermutasuna, hori, emetasunaren ezaugarriak dira! Emakumea, izan ere… Musu ematen dio panfletoari. Musua izan ote den edo musua garbitzeko erabili duen, ikusle bizkorrek erabakiko dute. Feministek behintzat, bolak egiten hasi dira panfletoekin… BOABDIL Aizue, eta nire astoa, non dago? Non dago nire astoa? Eztulka hasten dira denak, triangeluak kontrako eztarrira joanda. Panfleto-bolak botatzen dizkiogu ikusle guztiok Boabdili… BOABDIL Salam Aleykum emazte maiteok, Salam Aleykum…! Badoa ihesi, Sukaldariak eta Auzotarrek babesten dutela. ABESBATZA 1' 40" (Emakumezkoak bakarrik, Hegoak ebaki banizkio…) Intxaurrak apurtu banizkio hantustea adio arrak gutxi balio baina horrela ez zen gehiago senarra izango eta nik asto lana egin behar Intxaurrak apurtu banizkio hantustea adio arrak gutxi balio baina horrela ezingo nion errieta eman eta nik isilik egon behar HIRUGARREN TOPAKETA auzotarra 2 boabdil amazona 1 amazona 2 Amazona 2rena egin lezake Sukaldariak Azkenean Sukaldaria agertzeko, irten liteke beste edozein. Boabdil eta Auzotarra 2, zaborketari dabiltza, pala eta erratz banarekin. Boabdilek ez dauka kufiyarik ez aberastasun ezaugarririk: Barçako kamiseta bakarrik. ABESBATZA (Xenpelarren Iparragirre abila dela…) Mundua mundu, zerua zeru pobrea beti da pobre etorkizunaz amets gozorik egingo ez banu hobe. Plazako garbitzaile edo zikin biltzaile aterako dut bizia lanpostu hauxe eman didate: zaborraren polizia. AUZOTARRA 2 Aizu, barkatu, zu ez al zara Boabdil? BOABDIL Bai, hala naiz. AUZOTARRA 2 Zer egiten du Granadako erregeak kalea garbitzen? BOABDIL Lorezain lanpostu bat zegoen hutsik Alhambran… Al Andaluseko Aldizkari Ofizialean irakurri nuen, eta presentatu egin nintzen. Hamalau mila ginen. AUZOTARRA 2 Eta, zer gertatu zitzaizun? BOABDIL Azken frogan eliminatu ninduten. AUZOTARRA 2 Ez da egia izango! BOABDIL Bai, oso arabiera polita neukala esan zidaten, baina akats batzuk egin nituen ortografian. AUZOTARRA 2 Izugarria da, lorazain izateko akatsik gabe idaztea eskatzen dute orain! BOABDIL Ez, ez, ahozkoan izan zen! Ahozkoan egin omen nituen akats ortografikoak! AUZOTARRA 2 To! Injustizia berdina munduko bazter guztietan! Jarraitzen dute lanean, isil Zaldi irrintzi batzuk entzuten dira AUZOTARRA 2 Eta non egiten zenuen lana lehen? BOABDIL Wall Streeten. AUZOTARRA 2 Zer, operazio txarren bat egin zenuen, ezta? Funts pozoitsuak? BOABDIL Ez… Zor batzuk egin nituen, pozik bizitzeko. Oso tristea da zorrik gabe bizitzea. AUZOTARRA 2 Nik ez dakit zer den zorrik gabe bizitzea. BOABDIL Zeinen bizitza alaia izan duzun! AUZOTARRA 2 Bai, izugarri alaia! Ba al dakizu hemen nola duten izena bankuek? BOABDIL Bankuek? Banku. AUZOTARRA 2 Ez, hemen bankuek kutxa dute izena. Begira hor bertan, Rural Kutxa. Hortik gora jarraituta, Kutxabank. Gorago, Laboral Kutxa. BOABDIL Kutxa… trasteak gordetzeko leku itxi bat … AUZOTARRA 2 Trasteak bakarrik? BOABDIL Datilak ere bai, gatza… AUZOTARRA 2 Hil-kutxa, ez dakizu zer den? BOABDIL Bai, badakit hil-kutxa zer den. AUZOTARRA 2 Ba hemengo bankuek, bizirik sartzen zaituzte kutxan. BOABDIL Ba ote? Kartzelak dira hemen orduan bankuak! AUZOTARRA 2 Zerorrek esan duzu! Triste banantzen dira, nor bere aldetik, erratza pasatzen jarraitzeko. Boabdil begira geratzen zaio Auzotarra 2ri: zikin inbisibleak biltzen ditu, parodia hutsa da bere lana. BOABDIL Aizu, jakin al liteke zer biltzen duzun? AUZOTARRA 2 Zer ba? BOABDIL Erratza mugitzen duzu, biltzearena egiten duzu… Eta lehengo hautsa bera geratzen da plazan. AUZOTARRA 2 Ixo! Utzi entzuten! Badoa lasterka ikusle multzo batengana. Bertaratutakoan, mugimendu berdinak egiten ditu, ezer biltzeke. BOABDIL Ez dut ezer ikusten zure palan. AUZOTARRA 2 Ixo! Erne, eskua belarrian, urrunekoa entzuteko. Badoa lasterka ikusle multzo batengana. Bertaratutakoan, mugimendu berdinak egiten ditu, ezer biltzeke. AUZOTARRA 2 Ikusi duzu? Ez, ez duzu ikusi. Ezin da ikusi. Entzun egin behar da. BOABDIL Salam Aleykum esan eta gaizki begiratzen didate. Nahiago dut ez entzun zer esaten duten nitaz. AUZOTARRA 2 Ni, zabor intangiblea biltzeko nago. BOABDIL Zabor intangiblea… Zer da zabor in-tan-gi-blea? AUZOTARRA 2 Zabor ikusezina, zabor mentala… BOABDIL A, ulertu dut! Vladímir Vladimírovitx Puttinentzat egiten duzu lana. AUZOTARRA 2 Eeeeez! Hitzaren birziklatze prozesurako ari naiz lanean. BOABDIL Ederki… Jakin al liteke zer bildu duzun oraintxe? Pala jasotzen dio belarrira. AUZOTARRA 2 Entzun! BOABDIL (belarria palara hurbilduz, jendeari errepikatzen dio entzuten omen duena) Gu beti izango gara minoria bat… Epel hauek ez dute ezer egingo… Ni leihoz leihokoaren alde nago… Pintxo onik ez dago inon… Bizikletan ez ibiltzeko eskubidea daukat… Hondartza aspergarria da… Ni ez naiz donostiarra… AUZOTARRA 2 Hori dena zabor mentala da, zabor espirituala… Birziklatu egin behar da! Badatoz Karrosakoak, eta zaku batean sartzen dute Auzotarra 2k botatzen dien zikinkeria mentala. Zaldi irrintziak ostera ABESBATZA (Iparragirreren Zibilak esan naute…) Hizkuntza bakarrean zenbat hitz desberdin belarriak garbitu zaborrari ekin. Denok bat e'in dezagula zuzen eta herren eskola eman digute Sagasti Ederren! Amazona 1 eta Amazona 2 azaldu dira. Ez dute gonarik erabiltzen, jinete jantzian datoz, beren zartailu eta guzti. Auzotarra 2 haiengana doa disimuluz. Boabdil ere bai, geldoago. Bisitariok oso erne begiratzen dute inguruan, eraikinetara eta hiri altzarietara… AMAZONA 1 Hauxe dugu, beraz, Sagasti Eder printzesaren plaza. AUZOTARRA 2 Ezin da, ez dago historikoki frogatua. Ez diote begiratu ere egiten. Publikoari mintzo dira. AMAZONA 1 Historikoki frogatua? Zer dago historikoki frogatua? Eneko Haritzaren ezkurrak? AUZOTARRA 2 Eneko Haritzarenak ez ziren ezkurrak! Intxaurrak ziren, intxaurrak! Ez diote begiratu ere egiten. Publikoari mintzo dira. AMAZONA 2 Sagasti Eder printzesa, Antxo Handiaren alaba, Nafarroako eta Bizkaiko erregina izan behar zuena. AMAZONA 1 Napoleonek amorante hartu nahi izan zuena! AMAZONA 2 Del Burgo zaharrak moja sartu nahi izan zuena! AMAZONA 1 Urralburuk usteldu nahi izan zuena! AMAZONA 2 Patxi Zabaletak…. AMAZONA 1 Ixo! Vardulia traidorean gaude! Kontuz ibili behar dugu. AMAZONA 2 Sagasti Eder plaza bat Vardulia traidorean hiriburuan! Ez al da zo-ra-garri-a? Boabdilek lan egiteari utzi eta kokotsa erratza gainean duela emakumeen jardunari erreparatzen dio. AMAZONA 1 Hau izango da gure plaza gotorra Vardulia traidorean. AUZOTARRA 2 Plazandreok kakoan utzi dute gona. AMAZONA 1 Eta ideia bat kaskoan etorri gara hona. AUZOTARRA 2 Zuek ideia, eta nik testosteroná. Badator Boabdil zikinkeria mental hau jasotzera. AMAZONA 2 A, gizajoa! Nongoa ote zen hire amona! AMAZONA 1 Honi errazio doblea eman zioten astazakilen hormona. Auzotarra 2k ez daki nola jarraitu errima lehian. Urduri, telefonotik deitzen du. AUZOTARRA 2 Amets Arzallus?... AMAZONA 2 E, hori geurea da! Eten segituan. Obeditu egiten du, kikilduta. Telefonoa markatzen du… AUZOTARRA 2 Maialen? Maialen Lujanbio?... AMAZONA 2 E, hori ere geurea da! Obeditu egiten du, are kikilduago. Telefonoa markatzen du… AUZOTARRA 2 Joxe Manuel? … Lujanbio, Joxe Manuel Lujanbio. … Txirrita, horixe! … A, ez? Barkatu, barkatu. Gaizki sakatuko nuen. Itzali egiten du, nolako porrota. Boabdili eskatzen dio laguntza… Ezin diozu deitu Angela Merkeli? Edo Michelle Obamari? BOABDIL A, lankide tobaritx, mai friend, mai broder! Ni ez naiz jadanik Boabdil! AUZOTARRA 2 Ez? BOABDIL Ni Mohamed naiz. Amazonak, bitartean, Sukaldariak ekarritako kartoi triangeluak jango dituzte estilo sofistikatuan. AUZOTARRA 2 Mohamed? BOABDIL Fartsa guztietako arabiar ergela. AUZOTARRA 2 Etorkin ilegala? BOABDIL Oker guztien susmagarria! Errudun ideala! AUZOTARRA 2 Eta Aladinoren lanpararen bat ere ez daukazu, sikiera? BOABDIL Esan dizut, zu bezalako ergel bat naiz. AUZOTARRA 2 Noski, noski…! Zeeer? Zer esan duk? Mehatxu egiten dio erratzarekin, eta Itzuli batzuk egiten dituzte bata bestearen atzetik, nekatu eta elkar besarkatu arte AMAZONA 1 Ez baldin badakizue, jakin ezazue gu SEGAko ordezkariak garela. AUZOTARRA 2 Hau miseria, hau miseriaren beltza! Hau bertsolaritzaren miseria! BOABDIL Sega esan du. Euskal gillotina da hori. AUZOTARRA 2 Sega, esan duzu? Horixe behar dugu! Ideia ona! Lau mila lepo ordu betean! AMAZONA 1 SEGA, Sagasti Ederren Gorteko Amazonak. Karrosatik, badatorrela, interpelazioa. KARROXA Sega? Itxaron, itxaron hortxe! Heldu dira. Liburutzar bat kontsultatzen du Karrosakoak. Ea, kontsulta dezadan… SE, SE, SE… Hemen ez da ageri SEGA elkarterik! Ez zaudete alta emanda. AMAZONA 2 Alta emanda? Probintziano ez bertzea! Alta emanda zakurrak egoten dira. AMAZONA 1 Guk geure legalitatea dugu. AMAZONA 2 Forala, korala eta morala. Auzotarra 2 eta Boabdil, horrelako hitzak entzunda, zabor morala biltzera datoz, bere mugimenduak egiten dituzte amazonen inguruan. Berdin jokatuko dute hemendik aurrerako pasarteetan, komeni denean. Amazona 1ek Koldobika Jauregiren monolitoari begiratzen dio erne… AMAZONA 1 (zartailua Auzotarra 1engana noratuz) Zu, probintziano ez bertzea, zatoz. Hurbiltzen da Auzotarra 1, ikarati, erratza jasoz badaezpada, zartailuaren zigorkadak ekiditeko edo. Zer da hura? AUZOTARRA 1 Guk ez genuen jarri, udalak jarri zuen…. ! AMAZONA 1 Udalak paratu zuen, baina zuek ez duzue bota! AMAZONA 2 Erran, zer egiten du sinbolo faliko horrek hor! Boabdilek barre egiten du bare kolkorako, istilutik urrun AUZOTARRA 2 Baina… Baina… Guk ez genuen uste hori… AMAZONA 1 Zuek ez zenuten uste, baina sasian masuste. AMAZONA 2 Sinbolo falikoak hemen, Sagasti Eder printzesaren plazan! AUZOTARRA 2 (urduri) Baimena behar da, eta baimena lortzeko Gobernu Batzaren gehiengoa lortu behar da, eta udal araudiaren arabera, gainera… BOABDIL (publikoari) Printzesa esan du, Sagasti Eder printzesa. Ni Granadako Erregea nintzen garaikoa! AMAZONA 1 Hori suntsitu egin behar da berehala! AUZOTARRA 2 Suntsitu? AMAZONA 2 Birrindu, txikitu, porrokatu! AMAZONA 1 Lurrarekin berdindu! ABESBATZA (Iparragirreren Zibilak esan naute…) Goizean jaiki eta joan zaigu izeba ederki zorroztuta eraman du sega. Erresumatik irtenda jo du probintzira Vardulia biltzeko bere iritzira. KARROXA Barkatu, baina Sagasti Eder ez da printzesa, baserri baten izena da. AMAZONA 1 Hain zuzen! Baserri hori Sagasti Eder printzesaren gaztelua zen! AMAZONA 2 Non da baserri hori! KARROXA Bota egin zuten! AMAZONA 1 (publikoari) Bota egin zuten, Sagasti Ederren gaztelua! KARROXA Ez, Sagasti Eder baserria bota zuten. AMAZONA 1 Nafarroaren konkistak jarraitu egiten du! Vardulia beti traidore! KARROXA Hementxe: Sagasti Eder. Caserío. Amazona 1ek kendu egiten dio liburutzarra. AMAZONA 1 (publikoari) Sagasti Eder. Caserío. Arrasado por expropiación del Ministerio de la Vivienda... Zer erran nahi du horrek? Zer erran nahi du? AMAZONA 2 (publikoari) Etxeak egiteko bota zutela baserria! AMAZONA 1 (publikoari) Sagasti Ederren gaztelua zena! AMAZONA 1 (publikoari) Bi mila deabruren kiratsa! Konturatzen al zarete non bizi zareten? AMAZONA 2 (publikoari) Etxebizitza Ministerioak suntsitu zuen gure printzesaren gaztelua zuei etxebizitzak eraikitzeko! AMAZONA 1 (publikoari) Inbaditzaileak zarete! Horrelakoak errepikatuz, zartailuekin joka bezala egiten diete karrosakoei, alde eginarazteraino… Bitartean Boabdil telefonoz, Auzotarra 2k harrituta begiratzen diola. BOABDIL Florentino, amigo, laguna, bihotzeko aurkaria, jauntasunaren eta joko garbiaren lehendakaria! … Aspaldikoa … Zer moduz mesetan? … Eta Ronaldo? … Eta Bale? … Eta Benzema?... Eta Casillas, zer moduz Casillas? … Ongi, ongi … Begira, badaukat negozio bat … Oso negozio segurua … Sinbolo zatar bat bota eta jauregi bat eraikitzea … Qatar estiloan, bai, printzesa baten jaiotetxea izan behar du, eraikuntza internazionala! … Qatar dago atzean, bai … Baldintzak ikusiko ditugu datorren astean … Non esan duzu? … New Yorken? Ez, hor ezin dut azaldu. … Ados, Txistu jatetxean orduan. Auzotarra 2, buruari hazka eginez, Amazonengana. AUZOTARRA 2 Barkatu baina, pentsatzen egon naiz… AMAZONA 2 Seguru? AUZOTARRA 2 Zer egiten zuen hemen Nafarroako Erregearen alabaren gaztelu batek? E? Nor da inbaditzailea? AMAZONA 1 Baina zer diozu! Nafarroako Erresuma zen Gipuzkoa osoa! AMAZONA 2 Eta Frantzia erdia! AUZOTARRA 2 Bizkaiko Golkoa ere bai? AMAZONA 2 Pirinioetako Nafarroa, Kantauriko Nafarroa eta Erriberako Nafarroa, horra Nafarroaren hiru puntu kardinalak. BOABDIL Barkatu, baina puntu kardinalak lau dira. AMAZONA 2 Kardinalak Vatikanora! Eta puntuak zure buruko pitzaduran! AMAZONA 1 Lasaitu gaitezen… Ni ere pentsatzen egon naiz… BOABDIL (publikoari) Historia eraiki behar da! Eraikuntza! Eraikuntza internazionala! AMAZONA 1 Sagasti Eder suntsitu egin zuten. Baina geratuko dira nonbait sagastiak. AUZOTARRA 2 Sagastirik ez dago, ez sagasti ederrik ez sagasti itsusirik. AMAZONA 2 Intxaurrondoak landatu dituzue sagarrondoen ordez! AUZOTARRA 2 Ez, intxaurrik ere ez daukagu. AMAZONA 2 Nola liteke! Taberna hark, Intxaurdi du izena! AUZOTARRA 2 Gure intxaurrondo galduen omenez. Eta Sagasti Eder, gure sagasti eder galduen omenez ipini genion plazari. AMAZONA 1 Hitzetan bizi zarete! BOABDIL Baina hitz birziklatutan, aizu. Sukaldaria erdira SUKALDARIA Intxaurra eta Sagarra, konbinaketa berria! Interesgarria! Interesgarria benetan! Fruta berri bat: sagarrintxaurra! Telefonoa sakatuz: Patenteak eta markak? Bai, denominazio bat erregistratu nahi nuke… AMAZONA 1 Begira zuen memoria zertan den: hidrogenoz egindako fruitu bat. AMAZONA 2 Zementuz betetako plaza bat. AUZOTARRA 2 Intxaurrondo Zahar, han behean dago! BOABDIL Nortasun berri bat da gurea. AUZOTARRA 2 Haiek intxaurrondo, gu sagasti. BOABDIL Haiek trena, guk metroa. AUZOTARRA 2 Barkatu, topoa. BOABDIL (publikoari) Entzun intxaurrondotarrok, Alam Saleykum! Intxaurrondotarrok, zernahi duzue nahiago, Alderdi Eder ala Sagasti Eder? JOKARI GUZTIAK Esan, publiko maitea, entzule zoragarriok! Zer duzue nahiago, Alderdi Eder ala Sagasti Eder? ABESBATZA (Hegoak ebaki banizkio…) Nafarroan sortu da printzesa lo luzeko ametsa tramankulu traketsa Sagasti Eder gure plazako erregina gezurrak birziklatuz egina. Espero genuen amazona Nafarroako madona guztion zoriona Sagasti Eder zara eta izango zara zu beti Intxaurrondon printzesa Badator Sagasti Eder, San Joan sutarako panpina bezalakoa, karroxan. Sagar tarta puskak, intxaurrak, ziririkuak, confettiak, txaranga… Erregina ipini eta neska-mutildantza edo antzeko zerbait. Dantzariak, behar izanez gero, egin dezakete, fartsaren hainbat unetan, segurtasun kordoiaren papera biribilean dantzatuz…
booktegi.eus eizie.eus Jatorrizko obraren izenburua: A Midsummer Night’s Dream © Juan Garzia Garmendia © EIZIE (argitalpen honena) © Azala: Maitane Gartziandia Agirrezabala Argitalpen hau DSS2016EU erakundearen eta EIZIE elkartearen arteko lankidetzaz egin da, Shakespeareren Ametsa biziarazten programaren baitan. WILLIAM SHAKESPEARE Uda-gau bateko ametsa Juan Garzia Garmendiaren itzulpena Aurkezpena William Shakespeareren A Midsummer Night’s Dream komedia ardatz harturik, EIZIEk eta DSS2016EU erakundeak zenbait ekimen antolatu zituzten lankidetzan 2014an, «Shakespeareren ametsa biziarazten»1 programaren baitan. Juan Garziaren Uda-gau bateko ametsa itzulpenaren argitalpen digitalak eman zion buru programari, 2014ko abenduaren 3an. Beste bi Amets aitzindari Esku artean duzun hau ez da Shakespeareren obra horren itzulpen bakarra. Aurrez, beste bi itzultzailek emana zuten euskaraz, Bingen Ametzagak eta Bedita Larrakoetxeak, joan den mendearen erdialdean. «Shakespeareren hiru Amets»2 izeneko ekitaldian izan genuen aukera Ametzagaren eta Larrakoetxearen itzulpenen berri izateko. Bingen Ametzagak Shakespeareren lau antzerki-lan euskaratu zituen Amerikako erbestean, 40ko eta 50eko hamarkadetan: Uda gau bateko ametsaz gainera, Macbeth, Hamlet eta Julius Caesar. Horein artetik, Hamlet baizik ez zegoen argitaratuta. 2015ean, ordea, Uda gau bateko ametsak ikusi zuen argia lehenengoz, EIZIEren Itzultzaile Aitzindariak bilduman3. Bedita Larrakoetxeak, berriz, Shakespeareren antzerki-lan guztiak itzuli zituen, oso urte gutxian eta presaka itzuli ere. Euskara salbatzeko helburuz egin zuen hori, garai hartan lan unibertsalak euskarara ekartzea jotzen baitzen horretarako bide nagusitzat. Berak onartzen zuen askoz ere hobeto egin zitekeela, baina lehenbailehen argitaratzeari eman zion garrantzia. Aitzindari haiek ikaragarrizko lana egin zuten, ez baitzuten oraingo baliabiderik. Ez da erraza gaurko egunetik imajinatzea zein zaila izan zitekeen hori garai hartan, euskara estandarrik ez zegoenean, Internetik ez zegoenean, ez gaur egun ditugun hiztegi digitalak, ezta idazle zaharren obrak ere hain eskura… Itzultzaile haiena bai izan zela benetan bakarlana. Teknologiaz gainera, giro politikoak bakartuta, elkarrekin ia harremanik izateko aukerarik gabe jardun zuten, bakoitzak ahal zuen erara. Hirugarren Ametsa Ametzagak eta Larrakoetxeak prosaz eman zituzten beren bertsioak, nahiz eta Shakespearek hitz neurtuetan idatzi komediaren parte asko eta asko, eta hitz neurtuetako gehienetan errima erabiliz gainera. Hain zuzen ere, esan daiteke obra hau dela, proportzioz, Shakespeareren lanen artean, bertso-lerro gehien duena. Eta desafio horri heldu nahi izan dio Juan Garziak bere itzulpenean: jatorrizkoan hitz neurtuetan dauden pasarteak hitz neurtuetan eman ditu berak, eta errima erabili du, gainera, autoreak errima erabili duen kasuetan ere. Horretarako, jakina, euskal tradizioko neurri eta moduez baliatu da, eta ingeleseko 10-11 silabako bertso-lerroen ordez 15 silabakoak edota 18koak erabili ditu. Lehen neurria, Etxeparek berak gehien erabili zuen bertsokera da, 8/7 ataletan banatua, eta harrezkero beste idazle batzuek eta hainbat herri-kantak ere erabili dutena; bigarrena, berriz, 10/8 silabatan banatua, zortziko nagusiarena. Juan Garziak ez du izan aitzindariek adina arazo euskara-eredua hautatzean. Oinarrizko estandarra, euskara batua alegia, egina baitago. Horrez gainera, irakurtzeko testu bat egin du. Bertso-lerroez gainera, prosazko zatiak ere estilo deklamatorioan itzuli ditu, ez prosa arruntean. Eta bertsotan eta errima erabiliz egiteari dagokionez, Garziak berak esandakoaren arabera, bertsotan idazteak ematen ditu erraztasunak ere, paradoxikoa dirudien arren: hiperbatonak-eta naturalago erabil daitezke, eta, bestalde, erritmoak berak eraman egiten zaitu hein batean, eta erraztu egiten du entzutea. Bestalde, leialtasunari dagokionez, errazago barkatzen da kontakizunaren xehetasunetan hain leial ez izatea, garbi ikusten delako errima eta metrika mantentzeko egiten dela. Bera, hala ere, jatorrizkoan esaten direnak ahalik eta leialen ematen saiatu da. Antzerki-lan honek, nahiz eta orain 400 urte idatzia izan, ametitzen du gaur egungo irakurketarik, Larraitz Ariznabarreta filologia eta shakespearezaleak programaren lehen saioan, «Itzultzailearen Sukaldea I»4 ekitaldian aipatu zuenez. Obrak kanon berrietatik begiratu eta berrinterpretatzeko aukera ematen du nabarmen, eta gaur egungo teoria postmodernoetatik aztertzeko ere aberatsa da. Gizarte patriarkalaren kritikarako elementuak ditu, irakurketa ezin gaurkoagoak egin daitezke genero-ikuspegitik. Uda-gau bateko ametsa I.i Sartu TESEO, HIPOLITA, FILOSTRATO eta haien segiziokoak. TESEO Horra, Hipolita eder, gure eztei-ordua nola ari den hurbiltzen. Lau egun gozo barru beste ilargi bat dugu. Ai, baina, zein geldiro murrizten zaigun zaharra, gerokotuz desirak, nola amaorde edo alargun jabetuak, gazte baten ondarea higatuz ezarian. HIPOLITA Lau egun agudo dira gauean murgilduko, agudo lau gauk denbora ametsez pasarazi, eta goitik ilargia, zilar-arku bat nola ortzian tenkatu berri, egongo da guri so ezkon-jaien gau horretan. TESEO Zoaz hor, Filostrato: atenastar gazteria akuilatu festara; piztu bozkarioaren izpiritu bipila; igorri malenkonia hilen ehorzketara, ezen lagun zurbil hori giroz kanpo da jaian. Irten FILOSTRATO. —Hipolita, gorteatu zaitut neure ezpataz, eta zure maitasuna lortu zu zauriturik. Ezkontzea, baina, beste trenpu batez nahi dut: ospakizun hotsandikoz eta jai-bozkarioz. Sartu EGEO, HERMIA, LISANDRO eta DEMETRIO. EGEO Zoriontsu biz Teseo, gure duke bikaina! TESEO Eskerrik asko, Egeo. Zer berrirekin zatoz? EGEO Arrenkuraz eta kexuz beterik natorkizu, neure haur, neure alaba Hermia salatzera. —Zatoz hona, Demetrio. —Ene jaun noble hori, gizon hau dut baimendua harekin ezkontzeko. —Zatoz zu orain, Lisandro. —Bada, ene jaun ona, gizon honek dit sorgindu alabaren bihotza. —Zuk diozu, bai, Lisandro, eskaini mila neurtitz, eta harekin trukatu hainbat maite-opari. Leihopetik diozu zuk ilargitan kantatu ahots faltsuz bertso berri maitasun faltsuzkorik, haren irudimenaren sentipena zeuretu zeure ilezko besokoz, eraztun, apaingarriz, kutixiz, pitxiz, buketez, goxokiz, hala baita noski erraz menderatzen gazte zaildu gabea. Maltzurkeriaz duzu zuk liluratu gaixoa, eta hark niri zor didan esanekotasuna seta gaitz bihurrarazi. —Bada, ene jaun ona, bego horretan harena: baldin ez badu hemen zure aurrean onartzen senartzat Demetrio, Atenasko antzinako legea dut eskatzen; enea denez alaba, eskupean dut hura: edo jaun zaldun honentzat izango da, edota bertan hil bedi herioz, legearekin ados horixe baitagokio honelako auzian. TESEO Zer diozu zuk, Hermia? Kontu egizu, neska: jo ezazu zeure aita jainko baten gisako; guztiz ederrik hark zaitu zaren bezala sortu argizariz egindako bere moldea nola, hark irarri eta haren nahimenaren pean, irudi hori gorde zein bertan desegiteko. Demetrio guztiz duzu jaun zaldun egokia. HERMIA Lisandro ere hala da. TESEO Izatez, hala da, bai, baina oraingo kasuan, aitaren bozka gabe, bestea hartu behar da bietan egokien. HERMIA Ai balu begiratuko aitak ene begioz. TESEO Hobe zureok balira harenez zentzatuko. HERMIA Arrenka dizut eskatzen, jauna, barka nazazun. Ez dakit zerk ote didan ausardia hau eman, ez eta zer kalte duen ene begiruneak kexuka zuri honela barrena agerturik, baina erregutzen dizut garbiro esateko okerren zer dagokidan niri auzi honetan, ez baldin badut senartzat Demetrio onartzen. TESEO Edo hiltzea herioz, edo bertan uztea sekula eta betiko gizarte-bizitzari. Hargatik, Hermia eder, egin desiroi muzin; ohartu zein gazte zaren, aztertu sentipenok, ea —aitaren hautua hartu gaberik aintzat— prest zauden eramateko mojaren abitua, betiko giltzapeturik klaustro goibel batean, ahizpatasun antzuan bizialdi guztiko, himno-kantari ilargi hotz fruitugabeari. Hirutan doatsu dira sentipenak garaituz gai direnak jasateko birjinbide latz hori; munduan, baina, arrosa lurrin-irazia da adu hobekoa ezen ez ukigabe dena hazi, bizi eta hiltzen dohatasun soilean. HERMIA Hala haziko, biziko eta hilko naiz ni, ene jauna, birjintasuna inola ere opa baino lehenago jaun goren horri. Gogoz besteko uztarri behartuari ene arimak ez dio nahi jabetasunik aitortu. TESEO Hartu denbora eta hausnartu; hurrengo ilberrirako —maitearekin bion arteko kidetasun eternala lotura-bermez zigilatzeko eguna baitugu hura—… Egun hartara heltzean, edo herioz hiltzeko zaitez, zeure aitaren desirei kontra egiteagatik presta, edo senartzat haren hautura Demetrio onartzeko; edo betiko zin egiteko Dianaren aldarean bizimodu bat urri-latz eta bakardade zurrekoa. DEMETRIO Amore eman, Hermia ezti. —Eta, Lisandro, makurtu zentzu galduko eskari hori ene zuzen ziurrera. LISANDRO Zeurea duzu zuk, Demetrio, aitak dizun maitasuna; uztazu niri Hermiarena: ezkon zaitez aitarekin. EGEO Hara Lisandro burlaz txantxati! Ene maitasuna du, bai, eta enea den hori dio ene maitasunak opa. Eta, enea denez Hermia, hartaz dudan zuzen oro guztizko gogo betean dut nik Demetriogan ezartzen. LISANDRO Jauna, ni nauzu hura bezain duin etorkiaren aldetik; jabegoz ere paretsu biok. Gainditzen dut maitasunez; ondarez, berriz, molde orotan hain maila onean nago, non ausaz baitut nik abantaila Demetrioren aldean. Eta —hau baitut gehiagotzat nik gala guztiok baino— neure alde dut Hermia guztiz ederraren maitasuna: zergatik ez dut, bada, egingo neure zuzenaren eske? Demetrio zen —ekar dezadan gaur hori haren burura— maitelanetan hasi Nedarren alaba Helenarekin, eta gogatu; geroztik dama ezti horrek zintzo baitu maitasun sutsuz, idolatriaz maite-gurtzen bihotz osoz gizon nabarmen eta erabat gogo-aldabera hauxe. TESEO Aitor dezadan entzun nuela zerbait zuk diozunetik, eta pentsatu hitz egitea Demetriorekin hartaz; alta, gainezka egonik neuri dagozkidan egitekoz, oroimenetik joan zitzaidan. —Baina zatoz, Demetrio. —Eta, Egeo, zatoz zu ere; erdu, zatozte enekin: apartean dut nik emateko ikaskizun bat biontzat. Zuk, berriz, kasu, Hermia eder, presta zaitez berehala zeure apetak egokitzera aitaren desiretara; ezen, bestela, atenastarron legeak zaitu behartzen —ezin baitugu lege astuna inola ere arindu— heriotzara, edo hartzera zinpeko bakar-bizitza. —Zatoz ondora, oi Hipolita; ongi al zaude, laztana? —Enekin erdu, ea, Egeo eta Demetrio, otoi: badut zuentzat eginkizun bat gure eztei-jaietako, eta nahi dut hitz-aspertu bat egin zuekin biokin oso gertutik hartzen zaituzten zerbait delarik hizpide. EGEO Eginbidean guztiz gogotsu zure ondotik goaz gu. Irten guztiak LISANDRO eta HERMIA izan ezik. LISANDRO Zer duzu, laztan? Zergatik dago zure musua hain zurbil? Nolatan dira horko arrosak hain ere bizkor zimeldu? HERMIA Euri eskasez, inondik ere, bai bainezake halakoz neure begien ekaitz latzetik parrasta bizirik horni. LISANDRO Ai ene! Zinez, betiere dut nonahi nik irakurri, bai eta entzun ere zeinahi ipuin zein istoriotan, maitasun zintzo baten bidea ez zela inoiz leuna; dela zelako maitakide bat odolez bestelakoa… HERMIA Bai tamalgarri! Lar gora izan behekoari lotzeko. LISANDRO Edo, bestela, desegokia urteei dagokienez… HERMIA Bai penagarri! Lar zahar izan gazteari uztartzeko. LISANDRO Edo, bestela, lagunen mende egotea hautespena… HERMIA Erdiragarri! Maite-hautua inoren begien baitan. LISANDRO Edo, hautuan bihotz-kidetza halere izanez gero, gerrak, Heriok edo gaitz batek zuten setiatzen hura, bilakaturik istant batean galkor, nola baita hots bat; itzal bat nola arin; iheskor, amets hutsal bat irudi; labur, nola den tximistargia gau ikatz kolorekoan, deblauki hortxe danba baititu zeru-lurrak bistaratzen, eta inork «Han!» oihukatzeko beta ere eman gabe, ilunak bere ahutz beltzera irensten baitu guztia: dirdai biziak hain dira tanpez arras distiragabetzen. HERMIA Hori badute sufritu beti maitale finek munduan, hala du noski garbi ezarri lege zorrotzezpatuak. Dezagun, bada, har proba latz hau pazientzia zuhurrez —hagitz baitugu maitariengan ohiko sufrikario— maitasun-kontu arruntzat, nola uste, amets, hasperenak, irrika eta malko sarriak, bihotz-zoramenaren lor. LISANDRO Arrazoi ona. Adizu, beraz, Hermia bihotzekoa. Izeba bat dut, alargun maratz, senar zuenari esker ondasuntsua, eta jakizu ezen ez duela haurrik. Zazpi legoaz haren etxea dago Atenastik urrun; izeba horrek beti nau hartu ni bere seme bakartzat. Hantxe gintezke, Hermia laztan, ezkon biok elkarrekin: atenastarren lege zorrotzak ez du leku hartaraino guri jazarriz heltzerik. Baldin, beraz, zuk maite banauzu, egizu bihar aitarenetik iluna denean ihes, eta basoan, hiritik irten eta legoa batera, —ni non topatu zintudan behin Helenarekin zeundela, hara bilduak,jai-lege denez, maiatz-goiz bat ospatzera—, hantxe egongo natzaizu ni zain. HERMIA Ene Lisandro laztana! Zin degizut nik, Kupido eta haren arku bortitzenaz, haren gezirik onenaz —buru zorrotza urrez duenaz—, Venusen usozuri ederrenxalotasunaren bermez, arimak lotuz maitezko lanak sustatzen dituen horrez, su hartaz zeinak baitzuen hartu Kartagoko erregina troiar maltzurra belape hartan zelako alde egina—, gizonek inoiz mundu honetan hautsiriko zin guztiez, —ugariago emakumeek eginak baino, izatez—, esan didazun leku horretan, aipatu duzun orduko, huts egin gabe naizela bihar zurekin ni elkartuko. LISANDRO Eutsi hitzari, ene laztana. Hara, hor dator Helena. Sartu HELENA. HERMIA Jainkoak guarda, Helena eder, nondik nora zabilzkigu? HELENA Eder diozu? Eder hitz hori ez duzu ene eredu. Zure ederra du Demetriok maite: bai eder atsegin! Zure begiak, izar oparo; mihia, berriz, aire fin, hegatxabala artzain batentzat den baino gozatsuago, noiz ere duten gari berdeak eta elorri-pipilek aro. Gaixotasuna kutsakorra da: ailu graziak hartatik, kutsa dakidan niri zurea, Hermia, joan aurretik; belarri honi, zure ahotsa; begi bioi, zure soa; ene mihiak zuretik luke hartuko soinu gozoa. Enea balitz mundu osoa, Demetrio utziz kanpo, gainerakoa nuke emango zure lekuan jartzeko. Oi, irakatsi nola duzun zuk so egiten,eta nola Motz duzun lotzen Demetrioren bihotz-hegada zabala. HERMIA Beltzuri diot egiten, eta berdin maite nau halere. HELENA Irakatsiko ahal dit horrek irri egiten dotore! HERMIA Ernegazioz dut hartzen, eta hark, berriz, ni amodioz. HELENA Ailute ene otoitzek ere halako indarra inoiz! HERMIA Zenbat eta ni gaitzituago, hura ene zaleago. HELENA Zenbat eta nik begikoago, hura ene etsaiago. HERMIA Txoratu bada, ez da, Helena, ene errua batere. HELENA Ez, baizik zaren eder horrena; ainu erru hori neure! HERMIA Lasai, Helena; ez du gaurgero ni ikusterik izango, Lisandro eta biok baitugu hemendik ihes egingo. Lisandro begiz jo artean zen, aitor dezadan egiaz, paradisu bat bezalakoa ene irudiz Atenas. Ai ene, gero: maite dudanak hain ditu grazia finak, non egin baitu zeru zenetik infernu jasanezin bat! LISANDRO Zuri dizugu, orain, Helena, zertan garen agertuko. Bihar gauean —Febek goratik, egoki zaion orduko, bere behatze zilarrezkoa jartzean ur-mirailean, perla likidoz apainik jantziz belar izpiak zelaian, tenore horrek maite-ihesak baititu isilperatzen—, dugu Atenas behin betiko urrun uztea pentsatzen. HERMIA Eta basoan—non guri bioi sarri baitigute eman udaberriko lehen liliek ohe eder bat non etzan, barrenok hustuz geure arteko isilmandatuen gozoz—, Lisandro eta biok batuko gara gogoz eta asmoz. Hortik aurrera, hiritik soak ditugula aldaratzen, hasiko gara lagun berriak arrotz artean bilatzen. Adio zuri, jolaslaguna: gugatik otoitz egizu. Merezi duzun zorte on hori Demetriok bekarkizu. —Eutsi hitzari, Lisandro: beude baraurik gure begiak maitale finen janariz, bihar doi jo arte gau-erdiak. LISANDRO Hitzean nago, ene Hermia Irten HERMIA. Helena eder, adio; Zu hartaz bezain maitemindurik bego zutaz Demetrio! Irten. HELENA Zein diren batzuk beste batzuen aldean zoriontsuak! Atenastarrek jotzen naute ni Hermia bezain edertzat. Zertako, baina? Ez baitu uste hala denik Demetriok; Hark ez du nahi jakin hain garbi dakiena beste orok. Huts egiten du hala grinatuz Hermiaren begi-soaz, eta nik berdin bera miretsiz dohain ugarien kausaz. Kaskarren eta doilorren hori, ezein balio gabea, amodioak bihur dezake bikaintasun, dohain, era; amodioak ez du ikusten begiez, gogoaz baizik: Kupido dute noski margotzen hegaldun baina itsurik; zentzua zer den haren gogoak den gutxienik ez daki: hegalek eta begirik ezak oldar zorora zuzenki. Amodioa haurtxo bat dela jo izan da beti berdin, hain sarri baitu uste ustelez aukeratzean huts egin. Haurtxo maltzurrek jokoan nola duten elkar engainatzen, hala Kupido haurtxoa ere zin-hausle da non ere den. Demetriok dit, begia jarri arte Hermiaren soan, txingor halako zin-jasazekin enea zela osoan, eta, txingorrok sentitzerako Hermiaren zerbait bero, horra hor urtu eta desegin zin-erauntsi oro. Esango diot nola Hermia ihes egitekoa den; orduan baietz bihar gauean basora etorri men-men haren atzetik. Tira, halako berri-emateagatik nik esker onik jasotzen badut, ez da gutxi harengandik. Hantxe dut, baina, neure samina aberasteko asmoa, hura ikusiz, hala heltzean nola uztean basoa. Irten. I.ii IRASAGAR Konpainia guzia al da hemen? BARREN Hobe zenuke orotara deitu, banaka, gidoiaren arabera. IRASAGAR Hemen duzue bakoitzaren izena, egokiro esleitua atenastar jendearen artean, duke-dukesen aurrean jokatzeko eztei-gaueko gure txolartean. BARREN Lehenik, Peru Irasagar gurea, esan zer dugun antzezgai; gero, irakur itzazu komedianteen izenak, eta doala aurrera kontua. IRASAGAR Hara, zera dugu gaia: «Komedia ezinago lazgarria, Piramo eta Tisberen heriotza ezinago krudela». BARREN Guztiz antzezlan bikaina, alajainetan, eta jostagarri ederra. Deitu, bada, Peru Irasagar gurea, komedianteak zerrendatik. Jaunok, jarri herrenkadan. IRASAGAR Erantzun deitu ahala. Xanti Barren ehulea. BARREN Hemen prest. Esazu zer rol dudan, eta segi aurrera. IRASAGAR Zu, Xanti Barren, Piramo izango zara. BARREN Zer da Piramo? Maitari ala tirano? IRASAGAR Maitari, maitezko txeraz bere buru hiltzaile. BARREN Horrek dizkit zenbait malko eskatuko tauletan; hartara ezkero, kontu egin diezaiela jendeak beren begiei; ekaitzak jariaraziko ditut, samina dut jokatuko hein-heinean. Tira: aldartea, halere, tiranotako dut nik; Herkules bat antzez nezake bitxiro, zerbait erraiak urratzekoa, bazter guztiak zarrastatzekoa. Suminezko zafradak eraginik zirrarak espetxeen sarrailak hausteko hainbeste. Eta Feboren orgak, hain distiratsu gorak, patuaren asmoak hala honda ditzake. Ederra, bai jauna! —Orain, izendatu besteak. —Herkulesen eitea da hori, tirano batena; maitari bat samintsuago da. IRASAGAR Patziku Txirul hauspo-konpontzailea. TXIRUL Hemen, Peru Irasagar. IRASAGAR Txirul, Tisberena egin behar duzu zuk. TXIRUL Zer da Tisbe? Zaldun ibiltari bat? IRASAGAR Piramok maitatu behar duen dama duzu. TXIRUL Ez, alafede, ez eman emazte-rolik niri; bizarra ari zait hazten. IRASAGAR Berdin dio: mozorroz jokatuko duzu, eta nahi bezain ahots mehez hitz egin dezakezu. BARREN Aurpegia gordetzerik badaukat, utzi niri Tisbe ere jokatzen; ahots itsuski mehez dut hitz egingo. «Tisne, Tisne»; «Ai, Piramo ene! Ene Tisbe laztana, bihotzeko ene dama!». IRASAGAR Ez, ez, Piramo behar duzu zuk jokatu, eta zuk, Txirul, Tisbe. BARREN Tira, segi. IRASAGAR Txantxon Gosekil joslea. GOSEKIL Hemen, Peru Irasagar. IRASAGAR Txantxon Gosekil, Tisberen amarena jokatuko duzu zuk. —Manex Moko eltzegilea. MOKO Hemen, Peru Irasagar. IRASAGAR Zuk, Piramoren aitarena; nik neuk, Tisberen aitarena. —Xamar zurgina: zuk, lehoiarena. —Horra, bada, antzezpena listo hainbestez. XAMAR Idatzia al duzu lehoiarena? Otoi, hala bada, emadazu, motela nauzu-eta ni ikasten. IRASAGAR Hitzetik hortzera ari zaitezke, ez baita orro egitea besterik. BARREN Uztazu lehoiarena egiten ere: orro egingo dut; orro, giza bihotz oro astintzeko lain; orro, halako gisan, dukeak esango baitu: «Egin beza orro berriro, egin beza orro berriro». IRASAGAR Ikaragarriegi arituz gero, izua eragingo diezu dukesari eta damei, eta garrasika hasiko dira. Arrazoi nahikoa bertan urka gaitzaten guztiok. GUZTIAK Jo eta bertan urkatu, amaseme guztiok. BARREN Bai horixe, adiskideok: horrela izuz ateraz gero damak beren senetik, ez dute izango beste aburubiderik gu urkatzea baino. Nik, ordea, ahotsa argal apaldu, eta hain emeki egingo dut orro, nola usakumetxo batek; gozo-gozo egingo dut orro, urretxindorrak nola. IRASAGAR Ez da zuretzat egoki Piramoren rola besterik; aurpegi eztiko gizona baita Piramo; gizon egokia, uda-egun batez ikusi ohi den tankerakoa; dotorezia handiko gizon xarmagarria: nahitaez behar duzu, bada, zuk egin Piramorena. BARREN Egingo naiz, bada, horren kargu. Zer bizar nuke onena hori antzezteko? IRASAGAR Tira, zeuk aukeratu. BARREN Ez dakit zein jantzi: edo harako bizar lasto-kolorea, edo beste laranja-marroixka hura, edo gorrindola. Edo frantses koroaren koloreko beste hura, hori-horia dena. IRASAGAR Frantses koroa horietatik zenbaitek ez dute ilerik batere jada; hartara, musu-garbi jokatuko duzu. Hor dituzue, baina, zeinek bere jokatu beharra; eta arren eskatzen dizuet, eta biziki erregutzen, ikasiak izateko antzezgaiok bihar gauerako; eta enekin elkartzeko jauregiko basoan, hiritik milia batera, ilargipean. Han dugu entseatuko, zeren, hemen hiri barruan elkartuz gero, atzetik etorriko baitzaigu jendea,eta agerian geratuko zer ari garen. Bien bitartean, nik eskuarte-zerrenda bat idatziko dut gure antzezlanak behar dituenekin. Otoi, ez huts egin. BARREN Han bilduko gara, eta hala aukera izango guztizko irrits gordin eta kemen biziz entseatzeko. Saiatu gogor; eutsi goiari. Adio. IRASAGAR Dukearen haritzean dugu hitzordua. BARREN Ongi da; kale egiten duena, egin du harenak. Irten. II.i Sartu, bakoitza alde batetik, MAITAGARRI BAT eta MATTIN. MATTIN Hara, izpiritu! Nondik nora zabiltza? MAITAGARRIA Mendien eta ibarren gainetik, sastraketan, sasietan zehar, parkeen eta hesien gainetik, uretan eta suetan zehar, noranahi nabil ni, arinago ilargi-bola baino; maitagarrien erreginaren zerbitzari naiz, landak pizteko haren tantakaz ihintzaren jaiz; sanjose-sanlore garaiak ditu zaintzaile fin hark; urrezko haien gainjanzkietan han-hemen titak: hauek errubi, maitagarrien dohain xaloak, orezta bitxi non diren bizi haien gozoak. Behar dut bildu ihintz tantatan noski aletza, perlaz janzteko lili-belarri gordin bakoitza. Adio, bada, izpiritu sor, amaitu dut zeregina; Aurki da hemen, elfoak lagun, maitagarri-erregina. MATTIN Erregek jaia du antolatu hemen arratsetik hara: kasu ez dadin erregina hel inola haren bistara; Oberon baitu sumin bizitan guztiz ere iratua, zeren eta hark orain baitauka bere mirabe hartua mutil eder bat, noizbait ostua indiar errege bati. Halako ume maitagarririk ez du oraino atxiki, eta Oberon jeloskor dabil: nahi luke mutil fina segizioko zaldun eraman oihan birjinetan barna. Erreginak du, ordea, jada, mutil zoragarri hori lore-koroaz jantzirik egin guztizko bere pozgarri. Ez dira, bada, inoiz elkartzen biak baso-zelaietan, iturri garden ez izar-argi distira-izpitsuetan, baizik hain dira gogor liskartzen, non elfoak, izuturik, bizkor baitira ezkur gainetan gordetzen haien bistatik. MAITAGARRIA Edo itxuraz naiz ni tronpatu eta nahasi erabat, edo zu zara iratxo maltzur eta gaizto hori zeinak Mattin Onpuska baitu izena; ez al zara menturaz zu herrietako neskei diena eragiten hainbat izu, esnea gainez gabetzen eta eiherak urritsu uzten, eta apetaz etxeko andre estua larriagotzen, baita inoizka aparrik gabe motel uzten edaria, gau-bidaztiak galbideratzen, haien kaltez zuk irria? Galtxagorri zein Iratxo maite deritzutenei diezu zuk zeuk egiten behar den lana, eta haiek bai zortetsu: Ez ote zara diodan hori? MATTIN Zuzen zabiltza, egia; Ni naiz harako gau iluneko ibiltari jostaria. Olgetaz diot nik Oberoni irria eginarazten, zaldi indabez gizen-gizen bat dudalarik engainatzen behoka gazte baten itxuran irrintzika ezkututik; edo zelatan egoten nauzu atso baten katilutik, txermen erre bat banintz bezala, halakoaren gustura, eta, hark dzanga edan orduko, hor naiz plaust jauzten kanpora, utzirik haren papar zimela garagardotan igeri. Amona xahar zuhur bat nola, kontu triste bat kontari, hiru hankako aulkitzat noski nauen tronpaturik hartzen, popa azpitik kentzen natzaio, eta hantxe da abailtzen, «kontxo!» eginez espantu handiz, eta han hasten eztulez; lehertzen baita lagunartea eskuak gerrian barrez. Bozkariotan iji-ajaka, bihotz-zinez dute esan jostagarri bat ederragorik inoiz ez dela han izan. Aire, ordea, maitagarri fin, hor non datorren Oberon. MAITAGARRIA Eta hor ene andre goiena. Ezin hona gabe egon! Sartu, alde batetik, OBERON, bere segizioarekin; bestetik, TITANIA, berearekin. OBERON Elkartze gaitz ilargitan, Titania harroa. TITANIA Zer, Oberon jeloskorra! Maitagarriok, aire: zin egin dut ez gaurgero hartzea ohaidetzat. OBERON Zaude, purtzil haizetsua: ez al naiz zure jauna? TITANIA Zure andrea naiz, beraz; baina badakit nola maitagarrien lurretik ihes eginik zaren Korinen itxuran egon hantxe ordu guztiez, xaramela jotzen eta maite-bertsoak jartzen Filida amultsuari. Zer zara ari hemen, Indiako azken bazter mortutik etorria? Ezen beste, alafede, amazona bipila, zure dama oski-luze, maitale gerlaria, Teseok du emaztetzat hartuko, eta noski zatoz ohe-poza eta ongia opatzera. OBERON Lotsagabe ote zara ausartzen, Titania, Hipolitarekiko nik dudana salatzera, jakinik Teseorekin zer duzun dakidala? Ez al zenuen aldendu gau dirdaitsu batean Perigeniarengandik, zuela gogatua? Eta Egle ederraren fedea hautsarazi, eta berdin Ariadna zein Antioparena? TITANIA Irudipenon sorburu jeloskeria duzu, ez baikara inoiz, uda berritu denez gero, elkartu gu ezein mendi, ibar, oihan, larretan, iturri lausadun edo erreka lezkatsutan, ez eta itsasoaren ertz bateko hondartzan, kiribilez dantzatzera haize txistukarian. Zure liskarrokin, baina, giroa duzu hautsi, eta hargatik haizeek, gu hauspotuz alferrik, mendekuz dute itsaso barrenetik xurgatu hainbat laino satsu, zeinek, lurrera eroririk, hain baitituzte harrotu ibaien jarioak nonberen uharketatik gainezkatu baitira. Idiak du uztarritik alferrik tira egin; izerdi hutsa goldean, eta arto berdea bertan da usteldu, gazte artean bizar gabe. Eskorta huts-hutsik dago zelai urez itoan; beleak dira gizendu ardi sarraskituez; errota-jokoa horra lokatzez estalia, eta belaze joriko labirinto bitxiak orain dira urrats faltaz ezin bereizizkoak. Gizaki hilkorrak horra neguaren huts-minez; ez da gauen gozagarri eguberri-kantarik, eta goitik ilargiak, uren gobernatzaile, amorruz zurbil, airea du guztiz melatua, erreuma-gaitzak daitezen hainbatez ugaritu. Giro makur horrek joak, urte sasoiak oro tankera aldatuz doaz. Izotz kopet-zuria arrosa gorriminaren altzo freskora jausten, eta negu zaharraren lei-koroa mehean udako pipil gozozko xingola urrintsu bat burla-kutsuz da paratzen; udaberria, uda, udazken birkimatua, negu sumina, dira bestela jantzi-berritzen, eta mundu zurtua, berrien berri, ez daki jada zein zein den ere. Eta zorigaitz-ondore ugari hori dator gure ika-mika eta istilu honetatik, jatorrian gu baikara zorigaitzon guraso. OBERON Konpon ezazu, orduan; zerorren baitan dago: Ez du zertan Titaniak bere Oberon gaiztu. Zer dut eskatzen? : mutiko sehaskatik ostu bat ene morroi izan dadin. TITANIA Etsi beharko duzu: ez du lur xarmatu honek haur horrenik balio. Ene gurtzakoa zuen mutiko horrek ama, eta, India aldeko gau-giro lurrintsuan, sarri gara elkarrekin berriketan aritu, eseririk Neptunoren hondartza horietan, uretan doazen ontzi merkatariei beha, irri eginez ikusiz bistara sortzen belak, bapo sabel-handiturik haize bipilarekin. Haien antzera hor ditu, igerilari eder, ene gurkideak, haurdun ezkutaritxo finaz, ontzi horien ildotik lurrak oro korritu, oparitxoak ekarriz eta berriz itzuliz, bidaia batetik nola, oparo hornitua. Hilkor izaki, ordea, mutilaz da ama hil; harengatik dut nik, bada, haur eder hori hazten, eta amagatik ez naiz hartatik bananduko. OBERON Luzaro al zara oihan honetan egoteko? TITANIA Ausaz, gaurtik Teseoren eztei-eguneraino. Gogo otzanez bazatoz dantza-ingurutxora, ilargi-ospakizunak ikustearren, erdu; bestela, utzi bakean, nik zuri bezalaxe. OBERON Emadazu mutil hori, eta zurekin noa. TITANIA Erreinua, haren truke, gutxi. Maitagarriok! Haserrebide dukegu, hemen jarraituz gero. Irten TITANIA segizioarekin. OBERON Zoaz, bada, noranahi: ezetz utzi baso hau nik ordaina eman gabe irain latz honengatik. —Mattin amultsua, zatoz. Gogoan duzu nola behinola, nengoela harralde goi batean, entzun nuen sirena bat, izurde baten zaldun, hain harmonia eztizko xuxurla bat egiten, itsaso zakarra baitzen haren kantaz jabaldu, eta zenbait izar jalgi esferetatik zoro, uhandrearen soinura? MATTIN Bai, jauna, gogoan dut. OBERON Aldi hartan berean dut, zuk ezin, nik ikusi, ilargi hotzaren pean lurrean gaindi hegan, Kupido armak harturik. Jomuga du hautatu bestal txit eder bat bere sortaldeko tronuan, eta arkutik du jaurti zorrotz maite-azkona, ehun mila bihotz ere litzakeena zula. Baina Kupidotxoaren azkon sutsua hara iraungi ilargi urtsu, xahuaren izpitan, eta hala da gurtzaile inperiala irten, birjinazko gogoetan, bihotz-katetik aske. Ni nintzen ohartu, baina, non zen gezia jausi, jo baitzuen loretxo bat sortaldeko lurretan; lehen zuri-zuri; orain, gorri maitasun-zauriz, dontzeilek baiteritzote «maitasun lelotua». Lor ezazu lore hori, eta itzul nigana lebiatanak igeri dagien bezain zalu. MATTIN Gerriko bat dut jarriko lurraren jira-biran berrogei minutuan doi. Irten. OBERON Zuku hori eskuan, Titania lokarturik harrapatuko, eta hantxe diot isuriko begietan tantaka. Esnaturik hurrenik hark ikusten duen zera, dela lehoi, dela otso, dela hartz, dela zezen, dela tximu muturluze, dela tximino maratz, hari dio erasoko amodiozko karrez. Gero, kendu baino lehen intxixua begitik, badut-eta hartako gai den beste belartxo bat, hor dut limurtuko niri eskaintzera pajea. Nor dator hona, ordea? Ikusezina naiz ni: adi egongo naiz, bada, zer solas darabilten. Sartu DEMETRIO, HELENA atzetik jarraika. DEMETRIO Ez zaitut-eta nik maite, ez zakizkit zu jarrai. Non duzu Lisandro, non da Hermia eder fina? Bataren xerka nabil ni, besteak nau xerkatzen. Esan didazu zirela baso honetan gorde, eta hona ni lazturaz urraturik hementxe, ezin aurkiturik inon bihotzeko Hermia. Uztazu bakean, beraz; zoaz zeure bidean. HELENA Zuk nauzu, zuk, erakarri, iman bihotz-latz hori! Ez duzu, baina, burdina erakartzen, nik baitut altzairu finez bihotza: ez erakarri hala, eta baietz kendu niri zuganako jaidura. DEMETRIO Gogatzen ote zaitut nik, edo galant mintzatzen? Ala, aitzitik, zintzoki egia garbiz dizut esaten zu maitatzeko, ezetz, ez naizela gai? HELENA Eta horregatik zaitut are maiteagotzen. Zeure txakurtxoa nauzu; zenbatez, Demetrio, gogorrago zuk astindu, hanbatez nik zu kutun. Halakotzat har nazazu, mespretxa nazazu, jo, bazterrean utzi, baina emadazu baimena, ni duin ez izanagatik, ondotik jarraitzeko. Zein leku txarragoa nik zure maitasunean —eta halere guztizko ohore, enekiko—, ezen zuk erabiltzea zeure txakur gisara? DEMETRIO Ez tentatu gehiegi ene barneko herra; aski baitut gaizkitzeko zuri so egitea. HELENA Berdin nauzu ni gaizkitzen zuri ez so eginez. DEMETRIO Zeure lotsa ona duzu zuk jartzen hor zalantzan hiritik alde eginik eta hala gomendaturik maite ez zaituen baten esku eta gurara, kontu egin gabe, xalo, gauaren arriskuei, leku jendegabe honen aholku makurrari, birjintasun-altxor fina duzularik jokoan. HELENA Zure bertutea dut nik salbagiri,ez baita hau gaua, zure aurpegi hori dakusadala; ez zait, beraz, iruditzen nagoenik gauean. Ez du falta baso honek konpainia zabalik, enekiko zu baitzara mundu zabal guztia. Zertan esan, bada, inork bakarrik nagoela, mundu guztia dudala hortxe niri begira? DEMETRIO Zugandik naiz itzuriko eta sasitzan gorde, eta hor zaitut utziko basapiztien mende. HELENA Basatiena ez da zu zaitudan bezain gogor. Zoaz nahi duzunean. Alda bitez kontuak: Apolo ihesi, eta haren atzetik Dafne; usoa grifo-ehiztari, eta orein otzana tigreari oldarturik. Alferrik, ai, oldarra: izutia ehiztari, bihoztuna ihesi. DEMETRIO Aski dugu horrenbestez: utzazu joan nadin; edota, jarraituz gero, ez uste izan ezen kalterik gabe basoan utziko zaitudanik. HELENA Ai, tenpluan zein hirian, eta zelaian berdin, kalte egiten didazu. Mesedez, Demetrio! Zeure bidegabez duzu ene sexua belzten: maitelanik ezin egin, gizonekin paretsu; gu gorteagai garelarik, ezin guk gorteatu. Irten DEMETRIO. Enetzat, zuri jarraituz, infernua zeru da: bizi-hiltzea hain maite dudan horren eskura. Irten HELENA. OBERON Bihotzez adio, ninfa. Aurki ibili baietz zu iheska eta hura zure atzetik maitez. Sartu MATTIN. Ba al dakarzu lorea? Ongi jin, bidaiari. MATTIN Bai jauna, hementze duzu. OBERON Mesedez, emadazu. Ibaiertz bat bada non denbasa-ezkaia pujan, udaberri-lili eta bioletak kulunkan, abaro jori dutela atxapar urrin-fina; musketaz, otso-laharrez,arrosadi bikaina. Han ohi du Titaniak lo egin gaualdian, liliotan lokarturik dantza-bozkariotan; han du sugeak botatzen larru esmaltezkoa, maitagarri bat janzteko txit neurri onekoa. Honen zukuaz dizkiot begiak igurtziko, eta fantasia dorpez leporaino beteko. Har ezazu zuk xorta bat, eta jorra basoa. Atenastar dama bat da maiteminak txit joa gazte destainatsu batez: begiak mutilari busti, baina erne, gero: dezala dama hori ikus hortxehark lehenik. Ezagutuko duzu, atenastar jantziz nola den dotore-galatsu. Behar duzu utzi, kasu, joago maiteminaz mutil hori neskaz orain neska den baino hartaz. Eta zatoz berriz hona oilarrak jo orduko. MATTIN Zaude lasai, jauna, zintzo dut ordena beteko. Irten. II.ii Sartu TITANIA, segizioarekin. TITANIA Orain, biribilketa bat eta xarma-kanta bat; gero, zoazte hemendik minutu heren batez: batzuk, harbeltzak hiltzera arrosa-pipiletan; batzuk, hegal larru-finak txontei guduz kentzera elfotxoen kapatako; bestetzuk, isiltzera ontz zaratatsua, uluz baita hasten gauero zurturik gure bitxiaz. Kantuz sehaskatu ni; gero, ekin zereginei, har dezadan atseden. Maitagarriak kantari. Zuek, suge orbantsu mihi bikoitzeko, sagarroi arantzatsu, ez egin bisita; uhandre eta musker, ez izan kalteko, ez ezazue gure erregina zizta. Urretxindorra, txioz ari, lotako kanta kantari, txiru-txirulari, txirulari: ez bedi minik, ez intxixu gordinik, hel gure andre amultsuagana. Gau on, bada: lotxo hor da. Armiarma ehule, ez hona etorri; ospa, hanka luzeko iruleok, ospa! Kakalardo beltz-beltzok, hemendik at mugi; zomorro, barraskilo, gaur ez egin hozka. MAITAGARRIA Aire hemendik, goazen! Horrekin, dena ongi; gera bedi gutako bat hor ondoan zaindari. Irten MAITAGARRIAK. TITANIA lo. Sartu OBERON eta lorea zukutu TITANIAren betazalen gainera. OBERON Esnatzean ikusten duzun hori jo zeure maitakide zoragarri; maita ezazu bihotzez txit larri. Dela mozolo, katu edo otso, pantera edo aketz zurda-moltso, zeri ere lehenik egin zuk so, huraxe duzu zeure laztan gozo: bele biz, halere, eta ez uso. Irten. Sartu LISANDRO eta HERMIA. LISANDRO Mintxuriz zaude, ene laztana, oihanean ibiltzeaz, eta, egia aitortzekotan, bide zuzenik ez dakit. Hementxe gara atsedenduko, Hermia, zure baimenaz, eta itxaron egun berria heldu arte sortaldetik. HERMIA Ongi, Lisandro: bila ezazu ohantze bat aproposa; Urertz honetan neure burua dezadan hala nik pausa. LISANDRO Soropil batez burkoa dugu moldatuko hain apainik; bihotz biak bat, ohe bakar bat; bi gogarte bat eginik. HERMIA Ez, ez, Lisandro, bihotzez zaitut otoizten, ene laztana: harago etzan; etzan hainbeste limurtu gabe nigana. LISANDRO Oi, onez adi, maite eztia, ene asmoen xaloa! Maitasunak du maite-bilkuran hartzen zentzu zinezkoa. Alegia, nik bihotza daukat hain zureari loturik, ezin baitugu egin inola bihotz bat baino hartatik: bi gogarte fin kateatuak maite-zin batez elkarri; hots, bi arima, zintzoki beti fede bat berean ari. Zure aldetik, bada, ez niri ohe-lekurik ukatu; zeren, Hermia, zinez natzala ez bainatza gezurrez han. HERMIA Poliki daki, gero, Lisandrok aritzen hitz-jolasetan. Kalte itzela letorke ene dama-izen onarentzat, Hermiak balu jo izan nahi Lisandro gezurtaritzat. Halere, otoi, lagun jatorra, maitezko adeitasunez, harago etzan; giza jendeen lotsa onaren arauez. Banantze hori tarteko dela —balia bekizkit hitzak—, bertute-mirail bihurtzen dira neska-mutil ezkongaiak. Horraino, bada, urrundu zaitez; gau on, laztan, dagigun lo: Ez bedi alda maitasun hori munduan bizi zareino. LISANDRO Amen bai amen, diotsat otoitz eder horri bihotzean. Bizitza bertan gal dezadala leialtasuna galtzean! Hemen natza ni; loak biezazu atseden betea eman! HERMIA Opa didanaz opatzaileak berdin begi lo bakean. Lo geratzen dira. Sartu MATTIN. MATTIN Oihan zabala ibiliagatik, ez dut nik aurkitu Atenastarrik, zeinaren begietan nezakeen proba lore hau zertako gauza den. Gaua eta isila. Nor dugu hor? Atenastar jantziz gizona lo sor. Egin dio —nagusiak esana— atenastar dontzeilari destaina. Eta horra neska, lo sakonean, lur hotz, busti, zikinaren gainean. Gaixoa! Etzan nahi eta ezin bihotz-gogor adeigabe honekin. Hor dizut, zeken, isuri begira xarmagailu honen ahal guztia. Esnatzean, maitasunak dezala hustu logalez zure betazala. Atzar, bada, nik lekuok hustean; Oberongana noa lasterrean. Irten. Sartu DEMETRIO eta HELENA, lasterka. HELENA Zaude, nahiz ni hor bertan hil zuk, Demetrio bihotzeko. DEMETRIO Serio dizut agintzen niri ez honela jazartzeko. HELENA Oi, ausaz nauzu ilun beltzean hemen utziko? Ez, arren. DEMETRIO Zaude, bada, hor, zeure galbidez; bakarrik naiz ni joanen. Irten. HELENA Oi, hustua naiz arnasa biziz, beti lasterka atzetik! Otoiztuago eta biltzen dut grazia gutxiago nik. Bai zoriontsu, aldiz, Hermia, nonahi ere den, berez, hain baititu hark begi gozoak beteak dohain ederrez. Horren distirant begi ederrok nola ote? Ez gatz-malkoz: hartara balitz, eneak dauzkat ikuziago halakoz. Ez, ez, hain nauzu ni itsusia nola oihaneko hartz bat; piztiak ere itzurtzen zaizkit harturik ikara gaitzak. Ez da mirari, bada, ez denez, Demetriok oin-arinik nigandik badu, munstro bat bainaiz, ihes egiten bertatik. Zer mirail oker itxuragabe tronpagarrik nau ekarri konparatzera Hermiarekin, soa baitu zoragarri? Nor da hor, baina? Hara Lisandro! Hortxe lurrean etzanik! Hilik? Ala lo? Ez dut ikusten ez odolik ez zauririk. Lisandro, arren, bizi bazara, jaun jator hori, esnatu! LISANDRO Bai eta gogoz sute bizira zure amorez oldartu. Helena garden! Naturak hor du arte fina erakusten, bular barnean utzirik niri zure bihotza ikusten. Non sartua da Demetrio, oi, non arraio dago?, esan: gal bedi izen doilor hori gaur ene ezpataren puntan! HELENA Ez halakorik esan, Lisandro; ez halakorik inola. Zer axola du hark badu maite Hermia? Zer du axola? Zu zaitu-eta Hermiak berdin maite: behar duzu pozik. LISANDRO Hermiarekin pozik ni, zera! Ez, txit damutua baizik, hainbeste une enoiagarri nik harekin xahuturik. Ez dut Hermia, baizik Helena, maite bihotz-bihotzeko; izan ere, nork ez du bele bat uso batez trukatuko? Arrazoiak du kate motzean lotzen giza nahimena: hark dio, bada, zu zaitudala denik eta hoberena. Haztean, gauzak ez dira heltzen iritsi arte sasoira; ezin ni, beraz, gazte izanik, gaurdaino heldu senera. Orain, ordea, neuganaturik gaitasun horren dohaina, arrazoia da bihurtzen ene gogoaren lemazaina: hark nakar zure begietara, non ikusmiratzen dudan ipuin bikainik maitasunaren liburu ederrenean. HELENA Zergatik ote naiz ni sortua burla gogor honetara, non behar baitut zure eskutik jasan halako pasada? Ez al da aski, aski ez al da, esadazu, jaun gaztea, egundo ere, inola ere, ez merezi izatea Demetrioren begietatik hartzea so bat eztia, zuk orain hala zirikatzeko, gaiztoz, ene gabezia? Zinez didazu egiten kalte, min didazu, ai, ematen, halako txera destainatsuez nauzularik gorteatzen. Bejondeizula, hara. Behar dut garbi aitortu, haatik, gizabidean zintzoagotzat zinduzkadala, jauna, nik. Tamalgarri da dama bat hala, gizon batek gaitzetsia, lazki gertatu beharra orain beste batek esetsia! Irten. LISANDRO Ez du ikusten Hermia. —Egin lo, Hermia, lo egin hor; ez zaitezela inoiz Lisandro dabilen lekura etor! Nola gozoen gehiegiak, neurririk hartzen ez bada, min handiena baitakar gero jatunaren sabelera; edo gaur berak baztertutako heresia hertsienen jarraitzaileak baititu bihar jotzen hastiagarrien, hala zu, ene gehiegia, ene heresia, gaurtik zaitzala jende orok hastia, baina nik oroz gainetik! Jantzi behar dut maite-zaldunen adorezko armadura, Helena zintzo ohoraturik fin zerbitzatzeko hura! Irten. HERMIA[esnatuz] Arren, Lisandro, arren, lagundu —otoi, ez dut nik indarrik— kentzera suge narrastari hau neure golko zauritutik! Ai gaixoa ni! Nolako amets dorpeak didan erasan! Lisandro, hara, lau haragiok laborriz dauzkat ikaran: begitandu zait jaten zidala, oi, suge batek bihotza, eta zu irriz zeundela, hartuz haren sarraskiaz poza. Lisandro! Ene! Nora ote da? Lisandro! Jauna, zatozkit! Entzutez kanpo ote? Joana? Ez soinurik ez solasik? Ai ene, egin, zauden lekutik, hitz, entzuten badidazu; Amorearren, hitz egin! ; izuz, ia mintxuritu nauzu. Ez? Horra, bada, ez-agerian hautematen ondo dakit: edo herio edo zu baietz berehala aurkitu nik. Irten. III.i Sartu IRASAGAR, XAMAR, BARREN, TXIRUL, MOKO eta GOSEKIL. BARREN Hemen al gaude denak? IRASAGAR Txintxo-txintxo. Eta hona leku bat zoragarri egokia gure entsegurako. Belaze hau izango dugu antzezleku; elorri-sastraka hau, aldagela; eta arian-arian ekingo diogu antzezpenari, dukearen aurrean jokatuko dugun bezalaxe. BARREN Peru Irasagar,… IRASAGAR Zer diok, Barren gurea? BARREN Badira gauza batzuk Piramo eta Tisberen komedia honetan sekula gustatuko ez direnak. Hasteko, Piramok, ezpata atera, eta bere burua hiltzen du; eta damek ez dute noski halakorik jasango. Zer diozu horren aurrean? MOKO Andre santisimarren! Harrizkotsua da, gero! GOSEKIL Uste dut kendu egin beharko dugula hilketa azkenean. BARREN Ez hurrik eman ere: badakit nola konpondu kontua. Idatzidazu hitzaurre bat, eta hitzaurreak eman dezala aditzera ez diogula inori min egingo ezpatekin, eta Piramo ez duela inork hitzen; eta, hobetoago lotuta uzteko gauza, esaiezu ni, Piramo, ez naizela Piramo, baizik eta Barren ehulea: horrek uxatuko ditu haien beldur guztiak. IRASAGAR Izango dugu, bada, halako hitzaurrea, guztia zortziko txikian idatzia. BARREN Ez; motz gera ez dadin, hobe zortziko handian idaztea. MOKO Ez al dira damak beldurtuko lehoiarekin? GOSEKIL Beldur naiz baietz, hitz ematen dizuet. BARREN Jaunok, hausnartu ezazue, zeuen kolkorako, horrela taula gainera ekartzea —Jainkoak guarda— lehoi bat damen artera gauza ikaragarria dela, ikaragarria denez; ez baita basatxori beldurgarriagorik lehoi bat bizirik baino; tentuz ibili behar dugu, bada. MOKO Beste hitzaurre batek adierazi beharko, beraz, ez dela lehoia. BARREN Bai eta haren izena eman ere, eta haren aurpegiaren erdia ikus dadila lehoiaren lepotik; eta berak hitz egin dezala handik, esanez honela, edo antzeko edozer besterantzean: «Damak», edo «Dama galantak, nahi nizueke», edo «Arren eskatzen dizuet», edo «Erregutzen dizuet ez izateko beldurrik, ez dardarka hasteko: ene bizitza zuenaren truke. Uste baduzue lehoi gisa natorrela hona, deus ez luke balioko ene bizitza tristeak: ez, ez naiz halakoa; gizon bat naiz, besteak bezalakoa», eta esan dezala orduan bere izena, eta argi eta garbi adierazi Xamar zurgina dela. IRASAGAR Hala izango da, bada. Baina badira bi gauza zail: alegia, ilargia sartzea dena delako aretoan; zeren, dakizuenez, Piramo eta Tisbe ilargitan elkartzen dira. MOKO Ba al da ilargirik antzezpena antzeztuko dugun gau horretan? BARREN Egutegi bat, egutegi bat! Begiratu almanakean; ilargia noiz den, noiz den ilargia. IRASAGAR Bai, bada ilargia gau horretan. BARREN Tira, utzi orduan funtzioa egingo dugun aretoko leiho-ohol bat irekia, eta leiho-zulo horretatik sartuko da ilargi xuria. IRASAGAR Bai; edo, bestela, datorrela bat elorri sorta batekin eta eskuargi batekin, eta esan dezala Ilargidizdiz pertsonaia bestitxuratzera edo irudizkatzera datorrela. Eta bada beste gauza bat: horma bat izan behar dugu aretoan; zeren, Piramo eta Tisbe, hala dio istorioak, horma bateko arrakalatik hitz egiten baitzuten. MOKO Ez dago inola ere horma bat sartzerik. Zer diozu zuk, Barren? BARREN Gizon batek edo bestek behar du irudizkatu Horma; eta dakarrela igeltso puska bat, edo kareore puska bat, edo zuriberri puska bat berekin, horma den seinale. Eta eduki ditzala hatzamarrak honela, eta arteka horretatik xuxurla dezatela Piramok eta Tisbek. IRASAGAR Hala izatera, lotua dugu dena. Ea, eseri hor, amaseme oro, eta entseatu zeinek bere zatia. Piramo, zu zara hasten. Zeure solasa amaitutakoan, gorde zaitez sasitza horretan. Eta berdin guztiak, nor bere txandan. Sartu MATTIN atzetik [ikusezin]. MATTIN Zer dabilzkigu builaka zarpa-zaku baldarrok, erregina xarmantaren sehaskatik hain hurbil? Zer, gero, jostirudi bat! Entzule izango naiz; eta antzezle, menturaz, egokiera badut. IRASAGAR Hitz egin, Piramo. —Tisbe, hurbildu hona. BARREN «Tisbe; loreak, eztizko ahogozo higuintsu…» IRASAGAR «Urrintsu», «urrintsu»! BARREN «…ahogozo urrintsu. Hala duzu zuk arnasa, Tisbe maite laztana. Hara, ordea, ahots bat! Zaude apur bat hemen, Eta berehala naiz ni itzuliko zugana». Irten. MATTIN Hara inoiz jokatu den Piramo bitxiena. Irten. TXIRUL Orain al da ene txanda? IRASAGAR Bai, arranopola, bai; izan ere, entzun duen zarata bat zer zen ikustera baino ez da joan, eta aurki da berriro hemen. TXIRUL «Oi Piramo distiratsu, lirio zuriena, kolorez arrosa gorri bere sasitzan bikain. Oi kemen gaztez jori, zu, judu amultsuena, zintzo zaldi bat nekerik ez dakiena bezain. Batuko gara, Piramo, Inoren hilobian». IRASAGAR «Ninoren hilobian», aizu. Ez duzu esan behar hori oraindik, Piramori erantzunez baizik. Erreskadan botatzen duzu zeure zatia, bost axola txanda-aldatzeak. Piramo, sartu. Pasatu da zure txanda; «ez dakiena bezain» da oina. TXIRUL Oi —«…Zintzo zaldi bat nekerik ez dakiena bezain». Sartu ostera MATTIN, eta BARREN astaburuarekin. BARREN «Eder banintz ni, oi Tisbe, zeure nindukezu zuk». IRASAGAR Hau itsuskeria! Hau txundigarria! Sordindu gaituzte. Jaunok, otoitz egin! Ospa egin, jaunok! Lagundu! Irten IRASAGAR, XAMAR, TXIRUL, MOKO eta GOSEKIL. MATTIN Jarraiturik nik zaituztet latz jirabiratuko, lokatz, sastraka, elorri, sasiartetan zehar. Berdin izango naiz zaldi zein txakur ehizako, urde zein hartz burugabe, edo su biziko gar, irintzi, zaunka, kurrinka eginez eta errez, zaldi, txakur, hartz, suarizer dagokien berez. Irten. BARREN Zer doaz hor lasterka ihesi? Amarru hau zertu dute ikaratu nadin. Sartu ostera MOKO. MOKO Oi, Barren, aldatuta zaude! Zer ikusten dut nik zure baitan? BARREN Zer ikusten duzun? Bada, heure baitako astaburu petoa, ezta? Irten MOKO. Sartu ostera IRASAGAR. IRASAGAR Jainkoak zaitzala bedeinka, Barren! Itxuraldatuta zaude! Irten. BARREN Igarrita nagok amarruari. Astotu egin nahi naitek honekin; ikaratu, inondik ahal badute. Baina zirkin bat ere ez nauk mugituko hemendik, haiek eginahalak eginagatik. Hara-hona nauk ibiliko, kanta kantari, aditu dezaten ez nagoela ikaraturik. Kantari. Zozoak, beltza izanagatik, laranja-antza mokoa; birigarroa soinuz hain finik; txepetxak motz lumatxoa… TITANIA Zer aingeruk nau hala esnatzen neure ohe loretsutik? BARREN Txonta, txolarre, hegatxabala; doinu-berdin kuku grisa; askok kantari entzun dutela, inork tutik ez diotsa. Izan ere, nork nahi du halako txori ergelaren parean jarri bere burua? Nork dio kontra egingo txori bati, nahiz kukuka ari hura etengabe? TITANIA Otoizten zaitut, hilkor atsegin, kanta ezazu berriro. Belarria dut maitemindua zure kantuaren kausaz; begia berdin gatibatua, itxuraz hain zara eder. Eta ahalmen bortitz bikainon ahalek bortxaz nakarte zin egitera ikusterako zinez zaitudala maite. BARREN Esango nuke andrea, eskastxo duzula arrazoia horretako. Eta, halere, egia esan, arrazoia eta amodioa aparte samar dabiltza elkarrengandik gaur egun; are tamalgarriago, zenbait jende prestuk ez baititu adiskidetu nahi. Tira, baditut neure ateraldiak nik ere. TITANIA Eder halako burutsu zara, begi-bistan dagoenez. BARREN Ez hainbestean; baina burubiderik aski izatekotan baso honetatik irteteko, badut nahikoa, horrexekin konforme naiz. TITANIA Otoi ez egin planik baso hau inola ere uzteko, oihan honetan nahi eta ez baituzu egon beharko. Izatez bainaiz izpiritu bat arrunten gainetik goia. Uda oraindik zerbitzari dut, ene mendeko sasoia; eta nola nik maite zaitudan, ez egin hemendik hanka. Maitagarriak jarriko ditut zure zerbitzura, eta zuretzat dute bitxi ederrik ekarriko itsaspetik, eta kantatu lore gainean zu goxo lo zaudelarik. Kenduko dizut hilkor baldarron astuntasuna bet-betan, izpiritu huts izan zaitezen airezkook garen gisan. Ilarlore, Sits, Amaraun eta Ziapeale, zatozte! Sartu ILARLORE, AMARAUN, SITS eta ZIAPEALE. ILARLORE Hemen prest. AMARAUN Hemen prest. SITS Ni ere bai. ZIAPEALE Bai eta ni ere. GUZTIAK Nora behar dugu? TITANIA Izan atsegin eta adeitsu jaun txit bikain honekiko; aurrean dantza egiozue, denok salto eta brinko; jatera eman mertxika eta mugurdirik gozoenak, mahats gorminak, piku berdeak eta masusta hezeak. Ostu honentzat ezti-zorroa erlastarren gordailutik; kandelatako moztu pixtioi izter argizarikarak, eta izeki ipurtargien begi sutsuetan garrak, hala laztanak ohera eta ohetik argia duen, eta erauzi pinpilinpauxa margoztatuei hegalak: haiez haizatuz lotan garbitu ilargi-izpiz begiak. Makurtu honi, ene elfoak; egiozue beti men. ILARLORE Agur zuri, hilkor! AMARAUN Agur! SITS Agur! ZIAPEALE Agur! BARREN Arren begit mesede, jauna; atrebentzia ez bada, zein da berorren izena? AMARAUN Amaraun. BARREN Nahi nuke ezagupide estuagoa izan berorrekin, gure jaun Amaraun; hatza ebakiz gero, lotsarik gabe erabiliko dut berori. —Berorren izena, jaungoi jatorra? ILARLORE Ilarlore. BARREN Otoi, goraintzi berorren ama Garau andreari eta berorren aita Leka jaunari. Gure jaun Ilarlore, berorrekin ere nahi nuke tratu sarriagoa banu. —Berorren izena, jauna, arren bai arren? ZIAPEALE Ziapeale. BARREN Gure jaun Ziapeale, ondo dakit zure pairamenen berri: animaleko idi zati koldar horrek zure etxeko jaun asko eta asko irentsi ditu. Hitz ematen dizut zure senideek malkoak atera izan dizkidatela maiz. Nahi nuke banu tratu sarriagoa zurekin, gure jaun Ziapeale. TITANIA Jagon ezazue; ene aurkintzara eraman. Ilargia begi urtsuz goitik begira dago, eta negar horrek dakar liliena jarraian, deitoraturik bortxazko kastitate hertsia… Zoazte isilik; lotu laztanaren mihia. Irten. III.ii Sartu OBERON. OBERON Esnatu ote da Titania? Ezen, zer zaion lehenik han begietaratu, hartaz txoro behar baitu ezin gehiagoan. Sartu MATTIN. Hor dator mezularia. Zer dugu, mamu txolin? Zer atarramentu gauak zuhaizti sorginduan? MATTIN Erreginak munstro bat du maiteena munduan. Hurrean haren aurkintza ezkutu sakratutik, hura lozorroan zurrun hantxe zegoelarik, zarpatsu-kuadrillatxo bat, atenastar baldarrak, ogibide arrunteko behargin pildatxarrak, obra bat entseatzeko dira elkartu, zeina Teseo bikainari den eskaintzeko egina. Kaiku-jende horretatik kaskailurik latzena, Piramorena eginez, han utzi du eszena, eta oldarrean sartu sastrakadi batera. Hala, nik, hain baitzen ona noski egokiera, asto baten kaskarraz dut jantzi haren burua. Tisberi erantzuteko etorririk ordua, han da ostera artixta. Bistaratu delarik —antzarrak ehiztaria herrestan ikusirik nola, edo belatxinga zango-gorrien aldra, garrasika airaturik armaren danbadara, nola den sakabanatzen zeru goira hegazka—, hala, hura ikustean, haren kideek ospa. Gure oinatzetan han da bat ziraldoka jausten; oihuka laguntza dio Atenasi eskatzen; zentzua makaldu eta izu larriak jota, sentigabe dena dute sentitzen erasoka, jantziak baitizkiete sasiek eramaten; maukak, kapeluak, zer ez, oilobustioi kentzen. Haiek ditut nik xaxatu, akuilutzat izua, Piramo hantxe utzirik itxura berriztua. Une hartan, hara non den, hala baita gertatu, Titania esnaturik astoaz amoratu. OBERON Hobeki doa kontua pentsatu baino, aizu. Baina atenastarraren begiak al dituzu maite-zukuaz estali, aitzakiarik gabe? MATTIN Lotan dut hura aurkitu —egina hori ere—, eta ondoan zuela atenastar dontzeila: esnatzean garbi dago ikusiko duela. Sartu HERMIA eta DEMETRIO. OBERON Hago hortxe: hor da-eta gure atenastarra. MATTIN Emea hura da, baina ez atenastar arra. DEMETRIO Oi, honen maite zaituen bat zuk zergatik duzu hain higuin? Garraztasun hau aurkari garratz batentzat litzaizuke duin. HERMIA Errietan naiz hasia, baina behar nuke gogorrago, ezen beldur naiz ez ote duzun eman zio gehiago nik madarika zaitzadan, baldin Lisandro lo hil baduzu. Behin odolez zikinduz gero barrenago jo ezazu, eta ni ere akabatu. Ekia ez zen, oi, hain leiala egun argiaren deira, nola Lisandro baitzen enera. Nondik nora itzuri da, Hermia hantxe lotan utzirik? Errazago da sinesten, lurra osorik zulatu eta, ilargiak ote duen alderik alde bideaegin erditik, Antipodetan bere anaia muzinaraziz eguerdi goienean. Ez da dudarik zuk hil duzula Lisandro zeure eskuaz; hiltzaile batek hala behar du, bai, itxura: hain hits, hain latz. DEMETRIO Hala behar du hiltzaile batek itxura, eta hala nik, bihotzeraino zure laztasun zorrotz horrek sustaturik. Zu, hiltzailea, ordea, horra hor txit distira garbian, Venus irudi, ortziko bere esfera ñirñirkarian. HERMIA Zer zaio hori, ordea, ene Lisandrori? Nora duzu? Ai, Demetrio, otoizten zaitut, niri hura emadazu. DEMETRIO Haren gorpua nahiago nik neure orei ematea. HERMIA Utik, zakurra! Utik, doilorra! Lortzen duzu nik haustea dontzeila finen begiramena. Hil al duzu, esadazu? Aurrerantzean ez zaitzatela inola gizontzat har zu! Oi, esadazu, garbiro esan egia, arren bai arren! Egingo ote zenion so zuk esna egon balitz hemen? Eta hil duzu lo zegoela? Balentriaren bikaina! Ez al da hori narrasti baten, sugegorri baten lana? Sugegorri bat izan da noski; eztu mizto bikoitzagoz zuk duzun baino, oi suge gaizto!, zizta egin sugek inoiz. DEMETRIO Grina sutsua xahutzen duzu okerreko aldarteaz. Ez dut errurik nik Lisandroren odolaren isurtzeaz; ez da, gainera, hil ere noski, bederen nik dakidala. HERMIA Otoizten zaitut, arren, orduan: esan ongi dagoela. DEMETRIO Ahalko banu, trukean nik zer nuke hartuko saritzat? HERMIA Ni ikustetik betiko salbu zaudelako agiri bat. Banoa, bada, zure bistatik, gorrotagarri zaidanez; ez gehiago hurbildu niri, Lisandro hil bada zein ez. Irten. DEMETRIO Ez dago zertan atzetik joan halako suminaldian; hementxe, beraz, egonaldia apur bat luza dezadan. Pena astuna da are eta astunago bilakatzen lo behe-joak penari dion zorra ez bada ordaintzen. Heintxo batean zor hori dut nik kitatuko ber-bertatik, haren eskaintza aintzat hartzeko egonaldi bat eginik. Etzan, eta lo. OBERON Zer egin duzu? Erabat duzu huts egin ene ordenan, eta isuri maite-zukua maitale-zintzo batengan. Zure errutik derrigor dator horrenbestez zintzoena maitale faltsu bilakatzea eta zintzo faltsu zena. MATTIN Patuak, beraz, arautua du leiala den bakoitzeko milioi batek huts egitea, zin oro baitu hautsiko. OBERON Zoaz basoan zehar haizea baino arinago hegaz, ea Helena Atenaskoa aurkitzen duzun inolaz; amodiozko mintxuriz dago, zurbil-zurbila musua, maite minezko hasperen sarriz barrena odolustua. Liluraren bat eragin eta hona duzu ekarriko; honako honen begiak ditut xarmatuko ordurako. MATTIN Banoa, banoa; hara nola noan, ziztuan nola tartariarren arkutik gezia doan. Irten. OBERON Purpura-tindu honetako lore, jo ezazu Kupidoren azkonez honen begi-sagarrean txit barne. Honek bere maitea hor ikustez hura dadin ager hain dirdai finez nola zeruko Venus oskarbiez. Esnatzean, ondoan bada, zaitez hari gomenda sendabide galdez. Ostera sartu MATTIN. MATTIN Maitagarri saldoen buruzagi: hor duzu Helena eskuragarri, eta nahasi dudan jaun gaztea maitale-sari batez du galdea. Hauen lore-jokoa zer klase da? Ene, zein ergel den hilkor jendea! OBERON Alde hortik. Jende horren zarataz Demetrio liteke esna, ausaz. MATTIN Hala bik dute gorteatuko bat: jostagarri hutsa ikusleentzat. Ez zait niri ezer atseginago xelebrezko gauzen piperra baino. Sartu LISANDRO eta HELENA. LISANDRO Zergatik duzu pentsatzen burlaz nabilela gorteatzen? Destaina eta burla ez dira inoiz malkotan adierazten. Hitz ematean negar degizut, eta halako hitz zinak jaiotzez dira garbi agertzen, zintzo baitira eginak. Nola liteke ene hitzok zuk burla usteltzat hartzea, jator-jatorrik baitaramate egiaren seinalea? HELENA Maltzurkerian aurrera zoaz gero eta gehiago. Egiak badu egia hiltzen, zeruz infernua dago! Bereak ditu Hermiak zinok. Huts egingo al diozu? Juramentuak oro pisatu, eta pisua huts duzu: hari eginek, niri eginek, bi balantzatan jarriak, berdin baitute hutsa pisatzen, ipuinak bezain arinak. LISANDRO Ez nengoen ni senean hari zin egiten niolarik. HELENA Eta ez zaude, ene aburuz, orain hari huts eginik. LISANDRO Demetriok du Hermia maite, eta ez zaitu maite zu. DEMETRIO Oi zu, Helena, jainkosa, ninfa, perfekziozko serafin! Zer nuke, maite, konparagarri zure begi laztanokin? Kristal finena uherregi da. Oi, nolako tentagarri diren ezpainok, musu-gerezi, sasoi jorira etorri! Zuri mamitu hain garbi hori, Tauro goiaren elurra, ekialdeko haizeoz aratz, bele da bihurtzen, horra, zuk altxatzean zeure eskua. Oi, musukatzen uztazu zuri garbiko printzesa hori, pozen giltza hor baituzu! HELENA Oi infernuzko pairamen latza! Nonbait zabiltzate denok elkar harturik neroren kontra, zuen jostagarri penok. Gizalegean kortesiatsu zeuez baldin bazinate, niri hain irain bidegaberik egin gabe zeundekete. Aski ez-eta ni higuintzea, bai baitakit hala dela, gogo-itunez lotu zarete, ni txantxagai nauzuela. Gizontasunez nor bazinate, gizon-itxuraren pare, ez zenukete dama xalo bat horren latz hartuko xede. Hor zabiltzate, promes eta zin, naizenetik ni goratzen, ziurki dakit bihotzez nola biok nauzuen higuintzen. Biok aurkari zarete, eta maite duzue Hermia; biok lehian aurkari, berdin, burlaz hartzeko Helena. Zer balentria, zer gizon baten egitandi txalogarri, dontzeila gaixo bati malkoak jaulkiaraztea larri zuen destainaz! Ez lioke, ez, berez jator denak hemen hain irain gaitzik birjina bati egingo, ez gaixo horren arima hala tormentatuko, zer eta jolastearren. LISANDRO Gogorra zara zu, Demetrio; ez, bada, portatu hala, ezen Hermia maite duzula badakizu dakidala. Borondaterik onenaz dizut bihotza betean hemen maitasunean Hermiagana dudan partea ematen; Helenagana zuk duzunari ene alde egin uko, hura baitut nik maitatzen eta hil artean maitatuko. HELENA Inoiz ez ziren burlatzaile bi hain alferrik mintzatuko. DEMETRIO Gorde zeuretzat zeure Hermia, Lisandro, oso-osorik: inoiz maitatu badut nik, dago maitasun hori joanik. Ene bihotza hargana nuen arrotz-ostatuz eduki, eta orain da Helenagana atzera itzuli noski, han geratzeko. LISANDRO Helena, arren, ez da egia inola. DEMETRIO Zuk ez dakizun leialtasuna ez gaitsetsi, aizu, hala, bestela, guztiz zeure kaltean, garesti baietz ordaindu. Hor non datorren zure maitea; hor zaizu laztana heldu. Ostera sartu HERMIA. HERMIA Iluna gaua, kentzen diena beren ahala begiei, sentikortasun bizkorragoa eraginez belarriei; noiz eta ere baitu ilunak eragozten ikusmena, nabarmen dizu bertan ordaintzen, erne piztuz entzumena. Ez zaitu ene soak, Lisandro, inola ere aurkitu; belarriak nau, eskerrak hari, zure soinura gidatu. Zergatik, baina, nauzu ni hantxe gupida gaberik utzi? LISANDRO Zergatik da bat han geratuko, bihotza badu ihesi? HERMIA Zerk du indarra ene ondotik Lisandro aldarazteko? LISANDRO Bere maiteak, hark du Lisandro bihurtu oin arineko; Helena finak, zeinak hobeki baitu gaua urreztatzen ezen ez zuek, goiko su-begi distiratsuok, duzuen. Zergatik zatoz ene atzetik? Ez al dizut utzi garbi dizudan higuin hau dela-eta joan naizela itzuri? HERMIA Ez zara mintzo zeure baitatik; hori ez liteke izan. HELENA Hara, hau ere elkartua da hauen arteko kidetzan! Ikusten dut, bai, hiru-hirurak lotu direla batean jolas ustel hau itxuratzeko, guztiz neronen kaltean. Hermia gaizto laidoz betea! Esker txarreneko neska! Azpijokoan elkartu zara, hauekin itundu, ezta?, destaina satsu honekin ni gaur amuan harrapatzeko. Bion arteko hainbeste kontu, isilka partekatuak, ahizpatasun estuko zinak, elkarrekiko orduak, zeinetan Aldi iheskorrari kargu hartzen baikenion gintuelako bereizarazten… Oro ahantziak ote? Ikasletako adiskidantza, gure haurtzaro xaloa? Nola, Hermia, halako jainko mundu-egile trebe bik, bion artean guk jostorratzez sortu genuen lore bat, lagin beretik bi-biok, eta kuxin berean jarririk, bi-biok txioz kantu berean, tonu berean bi-biok, bion eskuek, bion saihetsek, ahotsek, buruek, biek gorputz batenak ziruditela. Horra nola ginen hazi, gerezi bikoitz baten antzera, itxuraz erdibiturik, baina halere batasun garbiz erdibikuntza horretan; bi fruitu horra polit-politak zurtoin beretik eratu; bi gorputz, bada, ageri, baina guztira bihotz bakar bat; alegia, bi osagai, nola heraldikan armarriak, bat bakarrari dagozkiola, bilduak goiburu batez. Betidaniko maitasun hori erdibitzera al zatoz, gizonekin bat eginik hortxe lagun gaixoaren burlan? Ez duzu hori lagun-legea, ez du dontzeila batek duin. Gure sexuak, nik bezalaxe, egingo dizu haserre, nik neuk bakarrik nozitu arren irain latzaren zauria. HERMIA Harri eta zur nauzu geratzen zure hitz suminduekin. Ni zuri burlaz ez nabilkizu; bai, antza denez, zu niri. HELENA Ez al duzu zuk etorrarazi Lisandro, burlaka noski, hainbesteraino goraipatzera ene hazpegi tristeok? Bai eta zeure beste maitea —alegia, Demetrio, oraindik orain destaina biziz baininduen ostikatzen— behartu niri jainkosa, ninfa, kerubin, bakan, deitzera, bitxi, zerutar eta halako? Nolatan diotsa hori hain higuin zaion bati? Esazu, nolatan du gaur Lisandrok ukatzen zure maitasun hori, bihotz betekoa berez, eta dit niri, alazankoa, eskaintzen bere guztia, baldin ez bada zure akuiluz eta zure onespenez? Jakinik noski ez naizela ni zure pareko dohainez, hain maitasunak faboratua, halako zorioneko, baizik guztizko urrikalgarri, ordain gabeko maitale? Behar zenuke erruki izan, erdeinatu beharrean. HERMIA Ez dut ulertzen zer den horrekin esan nahi didazuna. HELENA Ongi da, segi, segi horretan, so tristeak itxuratu; imintzioak egin burlaka nik bizkarra ematean; egin keinuak disimuluan; aurrera jolasarekin. Jostagarri hau, ondo bidean, kroniketan jasoko da. Bihotz, erruki, gizabiderik, halakorik bazenute, ez ninduzuen ni honelako trantze latzean jarriko. Adio, baina. Neronek ere badut errurik honetan; zor hori laster herioz edo huts-minez da kitatuko. LISANDRO Zaude, Helena bihotz-ederra; uztazu desenkusatzen, Ene maitea, ene bizitza, ene arima, Helena! HELENA Bikaina, gero! HERMIA Laztana, otoi, ez hala burlatu neskaz. DEMETRIO Neskak erreguz lortzen ez badu, banekike behartzen nik. LISANDRO Zuk ez nauzu ni behartzenago berak erreguoz baino, bortxaz ez zara hura otoitzez den baino indartsuago. Bihotzez zaitut, Helena, maite, bizitzaz degizut nik zin, prest bainengoke hura galtzeko zure amoreagatik, gezurtatzeko esan dezana ez zaitudala nik maite. DEMETRIO Hainbat zaitut, oi, maiteago nik Lisandrok zaituen baino. LISANDRO Hori serio esan baduzu, zatoz, bada, frogatzera. DEMETRIO Goazen, ea! HERMIA Lisandro, nora nahi duzu zuk honekin? LISANDRO Utzi, muturbeltz! DEMETRIO Et-et-et, hara: egiten du askatzeko itxura noski, oldartu eta niri jarraitzeko planta, baina ez dator. —Hara zein zaren gizon kikil beldurbera! LISANDRO Hago geldi hor, kateme zatar gogaikarri hori, utzi! Edo astinduz zaitut gainetik kenduko, suge bat legez. HERMIA Zergatik zara honen zakartu? Nondik aldaketa hori? Maite laztana… LISANDRO Zure maitea! Kendu hortik, kastazikin! Kendu, botika gorrotagarri! Edabe higuin, utikan! HERMIA Txantxatan ari? HELENA Bai, alafede; eta zu ere bai noski. LISANDRO Demetrio, ni irmo naiz beti neure hitzean egongo. DEMETRIO Hobe banu nik zure hitz hori bermatua; izan ere, ahultzat daukat: ez naiz fidatzen, alegia, zure hitzaz. LISANDRO Zer behar nuke? Neska zauritu, jo, herioz akabatu? Izanagatik higuin, ez diot egingo halako minik. HERMIA Zer min zait, baina, handiagoa higuin izatea baino? Higuin, halere! Zer dela eta? Ai ene! Maite, zer da hau! Ausaz ez naiz ni Hermia? Eta ez zu menturaz Lisandro? Orain artean jotzen ninduzun bezain eder jarraitzen dut. Bart gauean txit ninduzun maite, eta gau honetan utzi… Ene, orduan, utzi al nauzu —jainko zerukoek guarda!—, zinez al nauzu, zin-zinez, utzi? LISANDRO Alafede, bai horixe, eta ez zaitut ikusi nahi, ez lehen eta ez gero. Utzi bertatik itxaropenak, ezbaiak eta zalantzak. Zaude, bai, ziur, egi-egia diotsut: ez da, ez, txantxa nik zaitudala zu higuin eta Helena dudala maite. HERMIA Ai ene! Oi zu, inkamikari! Harbeltzak jotako lore! Maitasun-lapur! Gauez al zara laztanagana etorri eta ebatsi haren baitatik bihotza? HELENA Ederki, gero! Ez al duzu zuk begirunerik, ez dontzeila-lotsa onik, ez manera ez hezibiderik? Nahi al duzu has dadin mihi gozo hau erantzun zakar amorratuak ematen? Utikan hortik! Itxuralari! Zu, bai, txotxongilo hori! HERMIA Txotxongilo ni? Zer dela eta? Ai, hortik doa jokoa. Hara zertan den: bion artean du egin konparazio garaieraren aldetik. Bere luzera du goraipatu; eta halako itxurarekin, itxura lerden horrekin, hain baita gora, bai alafede, Lisandro du liluratu. —Hain ote zaude zu hala, bada, haren estimuan gora ni naizelako halako apal, hain tamaina txikikoa? Zer naiz ni apal, esazu, maiatz-tantai margoztatu hori? Zer apal eta apalondo ni? Ez naiz noski hain apal, non ezin ditudan azazkalekin zure begiok iritsi. HELENA Otoi, lagunok, hartuagatik noski zuek ni burlagai, jazar dakidan ez utzi honi. Ez dakit izaten zital: ez naiz trebea inola ere maltzurkeria-kontuan; dontzeila bati egoki zaion koldartasunean naiz fin: ez utzi, otoi, ni jotzen honi. Apika uste duzue, ni baino zerbait txikiagoa delako hau nerau baino, gai naizela ni kontrakatzeko. HERMIA Txikiago! Hara berriz! HELENA Oi, Hermia, zuk ez duzu zertan hain garratz izan enekin. Nik betidanik maitatu zaitut, sinestadazu, Hermia; gorde dizkizut isilpekoak, bidegaberik egin ez… behin ez bada: Demetrioren maitasunagatik baitut nik hura jarri jakitun hona itzuriko zinela zu. Hura atzetik etorri zaizu; maitez ni haren atzetik. Hark, ordea, nau ondotik jaurti, ninduela mehatxatzen ukaldiz eta ostikoz baietz ni jo, bai eta hil ere. Orain, ostera, onean uzten badidazue joaten, Atenasera eramango dut atzera neure zoroa, utzirik zuei jarraitzeari. Laga, faborez, joaten. Horra zein naizen izatez sinple eta lilura-erraza. HERMIA Alde egizu, bada. Nork dizu, esadazu, eragozten? HELENA Bihotz zoroak, atzean baitut baso honetan uzten nik. HERMIA Hara oraindik! Lisandrorekin? HELENA Demetriorekin, barren. LISANDRO Ez ikaratu; honek ez dizu kalte egingo, Helena. DEMETRIO Inolakorik ez, jauna, nahiz zu beraren alde jarri. HELENA Oi, haserretzen denean, kasu, marisorgin zorrotza da. azerieme halakoa zen eskolara zebilela; eta, txikia izanagatik, erakusten daki hortzak. HERMIA «Txikia», berriz! Hau da, hau, «apal» eta «txiki» erauntsia! Honek horrela ni tratatzea jasan behar al duzue? Utzi, oi, niri, orduan. LISANDRO Zoaz hemendik, ipotx alaen! Txikien txiki, mami gabeko belar alferrez hazia! Aletxo, ezkur! DEMETRIO Nabarmen samar hartzen dituzu lan handiegiak, hara, zure zerbitzu orori muzin degion damaren alde? Utzi bakean; ez zaitez mintza Helenaz, eta ez jarri beraren alde; ezen, bestela, noizbait baduzu saiatzen harenganako maitasunezko agerraldi txikiena, baietz garesti ordaindu hori. LISANDRO Ez nauka jada heldurik: zarraizkit, bada, ausart bazara, gure zuzenak neurtzera, zurea ala enea, zein den gailen Helenarekiko. DEMETRIO Zuri jarraitu! Bai zera! Noan zurekin, parean biok. Irten LISANDRO eta DEMETRIO. HERMIA Aizu, andrea, zalaparta hau zugatik duzu guztia. Ez, ez, ez zaitez hirira itzul. HELENA Ez naiz fidatzen ni zugan. Zertako, bada, jarraitu zure konpainia zitalean? Eneak baino zure eskuak borrokan bizkorragoak: nik ditut, baina, lasterrerako luzeagoak zangoak. Irten. HERMIA Zurturik nago, eta ez dakit esaten are hiztxo bat. Irten. OBERON Zer zara, Mattin, axolagabe! Berriro egin duzu huts, ala dituzu halako saltsak berariaz antolatzen? MATTIN Sinestadazu, itzaletako errege, hutsa izan da. Esan zenidan nik gizon hori ezagutuko nuela soinean zuen jantzi berezi atenastar erakotik. Hori horrela, ez da errurik ene ardura horretan, ezen dizkiot busti begiak atenastar peto bati. Horrenbestean, poza eman dit gauza hala irtetzeak: antolatu den txintxarri-festaz egin ditudan barreak! OBERON Hor non doazen maitari biok leku bila ezpatentzat. Agudo, Mattin, gaua zeharo itzal dezala lainotzak; hor goiko ortzi izartsu hori estaliko duzu tanpez, Akeron bezain leize beltzeko behelaino itxi batez; eraman gero aurkari gaitzok hain bazter galduetara non ezingo den bata etorri bestearen galbidera. Lisandrorena eginez zeure ahotsa ezazu jaso, eta bertatik Demetriori irain ustelez eraso; arneguz hasi txandaka gero Demetrioren modura; urrundu biak elkarrengandik: horixe duzu ardura. Betor orduan, bi-bien sora, heriotza-orde, loa, zangoak berun, hegalak arin saguzar batenak nola. Hartu belar hau eta zukutu Lisandroren begietan, isuri horrek indar eder bat baitu bere ahaletan, kentzen baititu irudipenen ikuskeria ustelak, atzera berriz ohiko soaz biraraziz begibolak. Berriz esnatzen diren orduko, burlazko gaurko trantzeak amets halako izango dira, ikuskizun funsgabe bat; atzera dira Atenasera maitaleak itzuliko, eta hil arte iraungo duen elkarte batez lotuko. Kontu horrekin zabiltzalarik —zintzo egizu hainbeste—, erreginaren bila noa ni indiartxoaren eske; kenduko diot xarma begitik, hala dudala libratzen giza piztia horren bistatik, gauzak bakera daitezen. MATTIN Maitagarrien jaun goren hori, agudo beharko ekin: gauaren dragoi bizkorrak doaz hodeiak ebakiz arin, eta hara han ostertz-distira Auroraren iragarle; hura heltzean, izpirituak, hara-hona ibilzale, tropelka dira kanposatura itzultzen. Kondenatuak, bidegurutze eta ibaien hobi tristean gorpuak, kokatuz doaz dagoeneko hango ohe hartsuetan; beldur egunak so egin dezan beren hoben larrietan, gogotsu dute beren burua argitik erbesteratzen, ea dienetz bekozko beltzez gauak babesa ematen. OBERON Gu, baina, beste kasta bateko izpirituak gaituzu. Maiz ibili naiz goiz ederraren maitasunean galaitsu; basozain baten gisa ditzaket zeharkatu zuhaiztiak, are haraino non, gorri biziz, sortaldeko atariak, izpi xarmantez argi zabalduz Neptunoren erresuman, urdin gazia urretan hori bihurtzen baitu uretan. Bizkor, ordea, lehia zaitez, atzerapenik gaberik: egitekoa egin liteke egun-argitu aurretik. Irten. MATTIN Hara eta hona, hara eta hona, erabiliko ditut hara eta hona; landan, hirian, orok niri beldur ona; dabiltzala, iratxo, hara eta hona. Hor dator bat. Ostera sartu LISANDRO. LISANDRO Non sartu zara, non, Demetrio burgoi hori? Esadazu. MATTIN Hemen, oi doilor; prest-prest ezpata eskuan. Horratx. Eta zu? LISANDRO Bertatik dizut zuzen ekingo. MATTIN Zatoz enekin, orduan, zelai batera. Irten LISANDRO, ahotsari segika. Ostera sartu DEMETRIO. DEMETRIO Entzun, Lisandro! Eta esan non zabiltzan. Itzurle zikin, koldar kikila, egin ote duzu ihes? Esan! Sastrakan? Non gorde duzu zeure burua beldurrez? MATTIN Urde koldarra, izarretara al zabiltza eupadaka, basoei noski esanez ea nork nahi duen guduka, eta ez zatoz? Zu, oilobusti, erdu; erdu, zu, umetxo! Zigorraz dizut tas-tas emango. Desohore nuke, oso, zuri ezpata ateratzea. DEMETRIO Ea, ea, hor al zaude? MATTIN Jarraitu ene ahotsari: hor baino, dema hemen hobe. Irten. Ostera sartu LISANDRO. LISANDRO Aurretik doa, eta aldiro eupada eginez niri. Hots egin duen lekura heldu, eta ez da han ageri. Bilau horrek du oina nik baino askoz ere arinago: ni hara joan ziztuan, eta jada airatua dago. Hala nau utzi txit abaildua bide ilun zakarrean: dezadan, bada, har hor atseden. Etzan. —Zatoz, goiz eder, bet-betan! Ezen zuk zeure argi goibela agertzen duzun orduko, Demetrio dut nik aurkituko, eta mendeku hartuko. Lo geratzen da. Ostera sartu MATTIN eta DEMETRIO. MATTIN Ei, ei, ei! Koldar! Zertan zabiltza; zergatik ez zatoz hona? DEMETRIO Zaude, bai, hortxe, gizon bazara; hain da gauza nabarmena lekurik leku ihes eginez zoazela zu nigandik, ez zarelarik inon egoten, ez ematen aurpegirik. Non zara orain? MATTIN Zatoz, bai, zatoz; hementxe naukazu, azti. DEMETRIO Tira, burlaka ari zatzaizkit. Baietz ordaindu garesti, halako batez egunez badut aurpegi hori ikusten. Zoaz, bai, zoaz, zeure bidean. Abaildurak nau behartzen luzez neurtzera ohatze hotz hau neronen gorputzarekin. Egun argia heltzen denean, ez niri iskintxo egin. Etzan, eta lo geratzen da. Ostera sartu HELENA. HELENA Oi gau larria, gau luze eta nekez beteriko hori, laburtu zaitez! Goxagarriro egin argi sortaldetik, Atenasera nadin egunez itzuli ahal izan ni ene xumean higuingarritzat naukaten hauen ondotik. Hel bekit loa, tristuren latza sorgortzen jakiten baitu, eta nazala neure baitatik apur batean bahitu. Etzan, eta lo geratzen da. MATTIN Hiru besterik ez? Beste bat betor. Sail bakoitzeko biz, bat falta da hor. Horra laugarrena, trenpu txarrean: zein gaizto Kupido, alajainetan, emeak hain jorik modu latzean. Ostera sartu HERMIA. HERMIA Halako larri, halako neke lazgarririk nik sekula! Ihintzak blaitu eta sasiek tarratatua goi-behe, herrestan ere ezin eginik beste urrats bat inola; zangoak dauzkat katigatuak, gogoz saiaturik ere. Egun argia etorri arte atsedendu nadin bertan. Goiko zeruok bezate zaindu Lisandro gaurko borrokan! Etzan, eta lo geratzen da. MATTIN Zoru honen gainean zaude lo sakonean. Behar dizut, maitari, begietan isuri sendagai on bat zuri. Lorea zukutuz LISANDROren begietara. Esnatzean, ostera gozatuko zara ikusirik hurbilik betiko zure dama. Esaera nola den hain ere gurea ematea dela giza legea nori berea, horren erakusgarri zure esnatzea: Peruk beuka bere Maria; deus ez dadila txarrera abia; jabearen eskura itzul bedi behorra, eta kito tirabira. Irten. Lo geratzen dira. IV.i Sartu TITANIA eta BARREN; ILARLORE, AMARAUN, SITS, ZIAPEALE eta beste maitagarri zerbitzariak; OBERON, ezkutuan. TITANIA Zatoz, pausa zaitez hemen lorezko ohatzean, dizudalarik aurpegi gozoa ferekatzen, arrosa finak paratzen buru leun apainean; belarri luze ederrok, ene poz, musukatzen. BARREN Non da Ilarlore? ILARLORE Hemen prest. BARREN Hazka egidazu buruan, Ilarlore. Non da mesie Amaraun? AMARAUN Hemen prest. BARREN Mesie Amaraun, mesie jator hori, hartu zeure armak eskuan, eta akaba iezadazu erlastar mokor-gorri bat kardu baten gainean; eta, mesie jatorra, ekarri ezti-zorroa. Neke handirik ere ez hartu horretan, mesie; eta, mesie jatorra, kontuz ezti-zorroa hauts ez dadin; atsekabe nuke ikusirik mela-mela eginda zatozela ezti-zorroarekin, siñore. Non da mesie Ziapeale? ZIAPEALE Hemen prest. BARREN Emadazu eskua, mesie Ziapeale. Arren, utzi albora zeremoniak, mesie jatorra. ZIAPEALE Zer duzu desira? BARREN Ezer ez, mesie jatorra, ez bada Amaraun jaun zaldunari hazka egiten laguntzea. Bizarginarenera behar dut, mesie; sinetsi ezineko iletsu daukat aurpegialdea; eta halako asto sentibera naiz, ilean azkura izanez gero ez baitut onik harik eta hazka egin arte. TITANIA Nahi al duzu musikatxo bat entzun, ene laztan hori? BARREN Ez dut batere belarri txarrik musikarako. Aurrera matrakak eta txintxarriak. TITANIA Edo esazu, zer zenukeen, ene gozo, gogoz jango. BARREN Mokokada bat belar ondu ez legoke gaizki. Olo lehorra gustura murtxikatuko nuke. Egia esateko, alpapa-azao baten irrika biziz nago: ederra, gozoa; parekorik ez du alpapak. TITANIA Maitagarri bat, guztiz ausarta, igor nezake zuretzat katagorriei intxaur berriak habietatik ostera. BARREN Nahiago nuke pare bat eskukada ilar lehor. Baina, otoi, esaiozu zeure jende horri bakean uzteko. Lotako galetasuna hasia naiz jada sumatzen. TITANIA Egin lo; nik zaitut neure besartean bilduko. —Maitagarriok, zoazte, segi bazterrik bazter. Irten Maitagarriak. Aihen-belarra hala du sasiama eztiak kiribilez biltzen; eta orobat huntz emeak uztaiz janzten urkiaren hatz azal-zakartsuak. Oi nola zaitudan maite! Zeinen zaitudan kuttun! Lo geratzen dira. Sartu MATTIN. OBERON [aurrera agertuz] Ongi jin, Mattin. Begira horko ikuskizuna. Errukitzen hasia naiz duen maitemin-grinaz. Ezen, arestian baitut basopean topatu opari-buket bat biltzen kirten doilor horrentzat, ahakar egin nik, eta muturka hasi gara, lokialde iletsuak apaindu baitizkio koroatxo lore fresko urrin-gozozko batez; eta hango ihintz fina, zeina pipiletan zen pausatu ñiriñir biziko perla biribil finez, orain zegoen loreño politen begietan, malkoak nola deitorez beren patu tristeaz. Diodalarik nik hartaz gogotik kargu hartu, eta hark otzan eskatu otoi ez gaitzitzeko, bertan diot egin ume ostuaren galdea; bai eta hark eman ere, agindurik ziezadala beraren maitagarriak neure salara ekar. Orain, neurekin dudanez mutila, diot jada kenduko begietatik tronpagarri doilorra. Erantzi, iratxo jator, kaskar-mozorro hori atenastar galai lander honi lepo gainetik; hala, gainerakoekin batera esnatzean, daitezen denak atzera Atenasera itzul, eta ez ditzaten gaurko gertakari bitxiak har amets-eldarnio bat baino gehiagotzat. Lehenik, baina, behar dut askatu erregina. Itzul zaitez ostera ohi zinenera; Ikus ezazu berriz zenekusan bera. Kupido-loreari Diana-pipilak garaitzeko baditu xarmazko ahalak. Orain, Titania laztan, esna zakizkit, altxa. TITANIA Oberon neure! Ai ene ikuskarien latza! Nengoela nago asto batez maitemindurik. OBERON Hor datza zure maitea. TITANIA Nolatan halakorik? Zein higuin ene begiok aurpegi hori orain! OBERON Ixo une batez. —Mattin, erantzi buru hori. —Titania, musika jo; boskote hori bedi lo arruntaz baino egon kordegabeagoa. TITANIA Musika, ea, musika! Loa xarmatzekoa. Musika, emeki. MATTIN Esnatzean, zeure begi ergelokin egin so. OBERON Jo musika! — Erregina, zatoz, heldu eskutik, eta kulunkatu lur hau non bostok dautzan lorik. Orain zu eta ni gara berriro adiskide; bihar gauerdian dugu —hotsandiz, alafede— dantza egingo Teseo dukearen etxean, oparotasun ederra opaz aurrerantzean. Maitari bikote leial biok dira han alai, Teseoz bat, ezkonduko: eztei hirukoitzaz jai! MATTIN Ene errege, zaude, eta adi goizeko larretxoria kantari. OBERON Beraz, isil tristerik behar dugu gauaren itzalaren atzetik gu; arinago munduari guk birak ezen horko ilargi alderraiak. TITANIA Erdu, ene jauna; hegan abian, kontatu gaurko gau harrigarrian nolatan hilkor artean nabarmen zoruan lo nauten aurkitu hemen. Irten. Turuta-hotsa barruan. Sartu TESEO, HIPOLITA, EGEO eta segizioa. TESEO Doala zuetako bat basozainaren bila! Xuxen baititugu bete uda-jaiekikoak, orain, eguna doanez aurpegia agertuz, ehiza-oren musika entzun beza maiteak. Sartaldeko ibarrean egiezue jare! Joateko, bada, ea, basozainaren bila! Irten Zerbitzari bat. —Goazen gu, erregina, mendi-tontorreraino, han baitugu adituko musika-zalaparta: txakur-zaunkekin batera oihartzunen asotsa. HIPOLITA Han nintzen ni behiala Herkules eta Kadmok Kretako baso batean zutela ehizatzen espartar txakurrez hartza. Ez dut sekula entzun halako zaunka bipilik, ezen hango oihanak, hango zeru, iturriak, bazter guztiek hantxe oro txakur ziruditen. Egundo ez halako kalapita musikalik, hain burrunba gozorik. TESEO Espartako arrazatik ditut neure txakurrak; ezpaintsu, hondar-kolore; burutik darizkie belarri kulunkariak ihintzen garbitzaile; arkulo, papartsu, nola tesaliar zezenak; jazarle mantsoak, baina ahoz kanpai halako, jo eta jo. Txakur saldo entzungarriagorik ez da sekula xaxatu, adar-hotsezko txeraz, ez Kretan, ez Tesalian, ez Espartan. Zerorrek entzun eta esan. Hara, baina! Zein ote ninfok? EGEO Jauna, hortxe datzan hori ene alaba duzu; eta hau, berriz, Lisandro; eta hau Demetrio: hau, berriz, Helena, Nedar xaharraren alaba. Zer ote dabiltza hemen guztiak elkarrekin? TESEO Goiz jaikiko ziren noski zintzoki betetzeko maiatzeko jai-araua; eta guri ohore egin nahiz ospakizun hain gogoko honetan. Esan, ordea, Egeo: ez al da gaur eguna Hermiak erantzuteko zer hautu egin duen? EGEO Hala da, jauna. TESEO Ehiztariek bitzate iratzar adar-hotsez. Turutak eta tiroak barruan. LISANDRO, DEMETRIO, HELENA eta HERMIA esnatu eta zutitu. Egun on, lagunok. Joan ziren San Balentinak. Orain al dira basoko txoriak parekatzen? LISANDRO Arren barka, ene jauna. TESEO Otoi, denak zutitu. Badakit biok aurkari gogorrak zaretela. Elkar-hartze atsegin hau nondik nora munduan, errezelotik baitago gorrotoa hain urrun non, ondoan lo, ez baita etsaigoaren beldur? LISANDRO Jauna, erantzungo dizut harriduraz beterik, erdi lo, erdi beilari; ez dakit, zin degizut, garbiro esaten nola etorri naizen hona; Uste dut, halere… garbi nahi baitut mintzatu, ezen hala dut susmoa nik ezen… bai, hori da: Hermia lagun harturik, gura genuen biok alde egin Atenastik, leku batera nora ez zekigukeen jarrai atenastar legea. EGEO Aski da, aski da! —Jauna, entzuna duzu aski. Legea dut galdegiten, legea ber-bertatik. —Itzuri zihoazkeen, itzuri, Demetrio, ihes horrekin urratuz bion eskubidea, zu emazte gabeturik eta niri kendurik zuri emandako hitza hura esposatzeko. DEMETRIO Jauna, Helena ederrak dit horren berri eman, asmoa zutela hona basora etortzeko; eta hor natzaie sutan jarraika ni oldartu, Helena ene peskizan zetorrela atzetik. Baina, jauna, ez dakit nik zer ahalen indarrez —ahalen bat baita noski—, Hermiari nik nion maitasuna, elur gisa urtu, eta orain zait jostagarri zozo baten oroitzapena nola, alegia ni txikitan liluratua hartaz. Ene jaidura guztia, ene bihotz-indarra, ene begiaren xede eta laketgarria, Helena baizik ez duzu. Harekin nintzen, jauna, fedaturik, Hermiari so egin nion arte; baina dut, gaitz-joak nola, higuindu jaki hori. Osaturik, nonbait, hona ni neurezko gustuan, eta gustu hori nuke kar biziz bete nahi, leialki behin betiko lotuko natzaiola. TESEO Maitale laztanok, hona zorionez elkartu. Geroago diguzue guztia kontatuko. —Egeo, zure gogoa behar dut eragotzi, tenpluan behar baitute berehala gurekin bikote hauek betiko elkarrekin uztartu. Eta, goiza badoanez apurka nagusituz, ehizarako asmo hau bedi horretan geldi. Goazen Atenasera, bai, hiru bikoteok: jai bikain bat hotsandiro ospatuko dugu han. —Zatoz, Hipolita. Irten TESEO, HIPOLITA, EGEO eta segizioa. DEMETRIO Kontu hauek dirudite motel eta lausoak, nola mendi bihurtuak lainoen itxurako. HERMIA Nik, berriz, dena dakusat begia erdizkatuz; nola gauza oro soan bikoizturik. HELENA Nik berdin. Eta Demetrio dut nik aurkitu bitxi gisa, neure eta ez neurea. DEMETRIO Ziur al zaude, baina, esna ote gauden orain? Irudipena baitut ametsetan lo gaudela. Ez al duzu hor entzun dukeak esan digula berari jarraitzeko? HERMIA Bai, eta aitak ere bai. HELENA Bai Hipolitak ere. LISANDRO Esan baitigu berari jarraitzeko tenplura. DEMETRIO Orduan, esna gaude, bai. Goazkion atzetik, eta bidean kontatu geure amets horiek. Irten. BARREN Ene txanda denean, deitu, eta erantzungo dut. Hurrena hauxe da: «Oi Piramo eder hori». [Aharrausika] Ai ei ai! Peru Irasagar! Txirul hauspo-konpontzailea! Moko eltzegilea! Gosekil! Jainkoak guarda! Hemendik hanka egin, eta honela uztea ni lotan! Ikuskari bitxi ere bitxia izan dut. Amets bat izan dut, gizonik argienak lanak lituzkeena esateko zer zen. Asto hutsa, noski, azaldu nahi badu hura. Amestu baitut nintzela… zera nuela… Barregarri huts geratuko da inor, hara, ausartzen bada esatera zer izan den ene ametsa. Ezein begik ez du ikusi, ezein esku ez da gai haztatzeko, ezein mihi irudikatzeko, ezein bihotz adierazteko, ene ametsa zer zen. Esan behar diot Peru Irasagarri idazteko balada bat amets horretaz. «Barrenen ametsa» deituko da, ez baitu barrenik; eta nik dut kantatuko obra baten amaieran, dukearen aurrean. Menturaz, grazia handiagoa izan dezan, Tisberen heriotzan kantatzea hobe. Irten. IV.ii Sartu IRASAGAR, TXIRUL, MOKO eta GOSEKIL. IRASAGAR Egin al duzue mandatu Barrenen etxera? Itzuli al da dagoeneko? GOSEKIL Haren aztarnarik ere ez han. Zalantzarik gabe, mudaturik dago. TXIRUL Ez badator, gure obrarenak egin du. Bertan behera utzi behar, noski. IRASAGAR Ezin jarraitu inola. Ez da Atenas guztian inor Piramorena egiteko gauza denik, hura besterik. TXIRUL Hala da: hura da-eta bizkorrena Atenasko eskulangile guztien artean. IRASAGAR Bai horixe. Eta plantarik onena duena ere bai. Guztiz enredugarria, gainera, ahotsaren eztiz. TXIRUL «Eredugarri» esaten da. Enredugarri izatea, Jainkoak guarda, itsusi litzateke. Sartu XAMAR. XAMAR Lagunok, badator dukea tenplutik, eta beste bizpahiru jaun-andre gehiago ere ezkondu dira hortxe. Gure jostirudia ematerik izan bagenu, nolako mauka genuen. TXIRUL Oi gure Barren bihotzekoa! Galdu ditu, horrenbestez, eguneko sei erreal bizi guztiko; eguneko sei erreal, bai horixe. Dukeak eguneko sei erreal ematen ez bazion Piramorena egiteagatik, urka nazatela. Ondo mereziak, gainera; eguneko sei erreal Piramorengatik, edo batere ez. Sartu BARREN. BARREN Non dira gure mutilak? Non dira bihotz azkarrok? IRASAGAR Barren! Oi egunaren jaukala! Oi hau une ezin ederragoa! BARREN Lagunok, mirariak dauzkat solastatzeko. Ez galdetu, baina, zer; zeren, kontatzen baditut, ez naiz atenastar egiazkoa. Den-dena kontatuko dizuet; gertatu bezala, halaxe. IRASAGAR Kontatu, otoi, Barren. BARREN Ez, bada; hitzik ere ez. Kontatuko dizuedan bakarra da dukeak jada egina duela jatorduarekikoa. Prest eduki jantziak, lokarri onak bizarrentzat, zinta berriak zapatentzat. Bil zaitezte bertatik jauregian; berrikusi bakoitzak bere antzezgaia; ezen, luzatu gabe labur esanda, onespena jaso du gure obrak. Edozein kasutan, Tisbek arropa garbia eraman dezala; eta lehoiarena egiten duenak ez ditzala moztu azazkalak, nabarmendu behar baitzaizkio lehoiaren erpetzat. Eta, antzezle maite bihotzekoak, ez jan tipularik ez baratxuririk, behar baitugu usain onez hats egin; hala, ez egin dudarik entzungo diegula esaten ona dela komedia. Asko da hitzik: martxa, ea! ; martxa hemendik! Irten. V.i Sartu TESEO, HIPOLITA, FILOSTRATO, Zaldunak eta Zerbitzariak. HIPOLITA Bitxia, ene Teseo, maitarion berria. TESEO Egia baino da noski bitxiago. Nik ez dut sinesten ele zaharrik, maitagarri-ipuinik. Maitari eta zoroek hain dituzte buruak borbortsu irudimenez, atzematen baitute arrazoi hotzak inola ulertzeko ez dena. Zoroak, maiteminduak eta poetak dira osorik irudimenez hirurak osatuak. Zoroak deabruz ditu ikusten bost infernu; maitariak, berriz, hura bezain zoroak joa, Helenaren pare jotzen Egiptoko musu bat. Poetaren begia da pausu gabe iraultzen zerutik lurrera eta handik berriz zerura. Irudimena doala gorputz trinko emanez gauza asmagaitzen formei, poeten lumak ditu haiek oro itxuratzen, airezko deus ez horri hala emanez munduan leku eta izena. Halako zeretan txit da irudimena bizi: hauteman orduko zerbait pozgarria inondik, otutzen zaio badela poz horren ekarlerik; halaber, gauean, dantzan dabiltzala izuak, zein erraz den hartz-itxura hartzea zuhamuxkak. HIPOLITA Gau-ibilerok, ordea, hain bizi kontatuak, eta guztien gogoak hala antzaldatzea, zerbait gehiago dira irudipen huts baino, eta bilakatzen dira hezur-mami sendoko, izanagatik halere miragarri bitxiak. TESEO Hortxe datoz maitariak, bozkarioz beterik. Sartu LISANDRO, DEMETRIO, HERMIA eta HELENA. Poza bedi, lagun onak, maitasun beti freskoz, zuen bihotzetan bizi! LISANDRO Zabiltzala gu baino, zu, jauna, pozago, txangoz, mahaiz eta ohatzez. TESEO Ea, zer maskara-festa, zer dantza izango da jostetan pasarazteko hiru ordu luzeok, afalondo honetatik ohera bitartean? Non da jai-ospakizunen kargu behar duena? Zer ekitaldi ditugu? Ez al da antzerkirik, tarte astun honen zama larria arintzeko? Datorrela Filostrato. FILOSTRATO Hemen, Teseo bikain. TESEO Zer denbora-pasa dugu gaurko gau honetako? Zer maskara, zer musika? Nola da gogatuko denbora aspertu hori, jostagarriz ez bada? FILOSTRATO Hona zenbat jokakizun ditugun prestatuak. Zerorrek egin hautua zein ikusi lehenik. Paper bat ematen dio eskura. TESEO «Zentauroekin gudukan, atenastar eunuko batek harpaz lagundurik kantatzeko pieza». Ez halakorik, baitiot hori jada nik laztanari kontatu neure ahaide Herkulesen omenez… «Bakanteen mozkor-festa, non beroaren beroz laurdenkatuko baitute traziar kantaria». Aspaldikoa da obra; jokatua, hain zuzen, Tebastik gudu-garaile itzuli nintzelarik… «Bederatzi musak doluz, deitoratzen dutela Jakintzaren heriotza, miserian hil berri». Hori satira bat duzu, zorrotz zirikatzaile, desegoki honelako eztei-jaialdirako… «Piramo gaztea eta Tisbe haren maitea: jostirudi tragikoa, labur astuna guztiz». Jostagarri tragikoa! Laburrean astuna! Hau da: izotz eta elur bero mirarizkoak. Ba ote konponbiderik konpondu ezin horrek? FILOSTRATO Antzezlana duzu, jauna, hamarren bat hitz luze: alegia, nik ikusi dudanik laburrena; hamar hitzoz, baina, jauna, sobera duzu luze, eta hargatik hain astun; ezen obra guztian ez da solas bat taxuzko, ez antzezle bat trebe. Eta tragikoa, izan, ene jauna, hala da, Piramok baitu egiten bere buruaz beste. Entseguan ikusirik, aitor dezadan garbi, negar-jario hasi naiz. Jostagarri hobe nik malkooz, algaraz inoiz jariatuez baino. TESEO Nor eta zer dira hori antzeztuko dutenak? FILOSTRATO Atenastar esku-zaildu, hiriko langileak, gaurdaino buruarekin lanik egin gabeak, hor zukutu dituztenak beren oroimen motzak, ezteiok direla eta, antzerki hau zertzeko. TESEO Entzun nahi dut nik, bada. FILOSTRATO Ez, oi, jaun bikain hori. Obra hau ez da zuretzat. Osorik dut entzuna, eta guztiz ere duzu hutsaren hurrengoa; non eta neke huts hori ez zaizun jostagarri, hain baitute jardun estuasun larritan, zu ohoratu beharrez. TESEO Entzun nahi dut, bada; ez baitu aitzakiarik ezein gizonen lanak, leialtasun xaloaren erakusgarri bada. Ea, ekar itzazue. Hartu lekua, damak. Irten FILOSTRATO. HIPOLITA Ez da egoki xumea gain-hartua arduraz, ez eta leialtasuna zerbitzuan galdua. TESEO Lasai, ene laztan, ez da halakorik izango. HIPOLITA Esan digu ez direla jator aritzeko gai. TESEO Jatorrago gu, agertuz esker ona huts truke. Jostagarri biz baletzat hartzea guk kaleak. Leialtasun xumearen eskasa nor denak du, ez merezimendu, baizik asmo ontzat txalotzen. Nora ere joan naizen, jende printzipalenek ongi etorrizko agur txit landuz naute hartu: han ikusi ditut, zurbil, ikaratan, urduri, eten luzeak eginez esaldien erdian, prestaturiko solasak beldurrak iratoak, azkenerako muturik geratzen zirelarik, agurrik burutu gabe. Sinestadazu, laztan, isiltasun horretan dut nik agur bat sumatu, eta, dardara leialon lotsa-begirunean, hitz-jario bikain ozar bipil nabarmenaren mihi-dantzan bezain garbi aditu dut mezua. Niketz, maitasuna eta xalotasun mutua gutxiz dira asko mintzo; hor ene aburua. Ostera sartu FILOSTRATO. FILOSTRATO Zure baimenaz, hasteko hitzaurrelaria prest. TESEO Aurrera, bada. Turuta-hotsa. Sartu IRASAGAR, Hitzaurrelariaren paperean. Hitzaurrelaria «Mingarri denik isuriz gero, berariaz ari gara. Argitu guran nola ez garen hor mingarri berariaz baizik. Xaloki erakusteko zerbait trebezia, hara, benetan gogoz gara ekinak asmo horretako grinaz. Jo ezazue ez gatozela etortze aldera baizik. Kontua dela, etorriz gero, ez geratzea guztiz motz, garbi baitago xedea. Zuen atsegin hutsarengatik ez gara heldu. Zuen begiak doluz betetzeko malkoz, prest eta gertu hor antzezleak, eta haien agerpenaz gauza zertan den zehaztuko da behar den xehetasunaz». TESEO Tokitan honek puntuak. LISANDRO Hor dio jare egin hitzaurreari, moxal hezigabe bat bezala, ez baitaki non gelditu. Horra ikaskizun on bat, jauna: ez da aski hitz egitea: xuxen behar da hitz egin. HIPOLITA Bai jauna: haur bat txirula jotzen bezala ekin dio bere horri: soinua bai, baina antolatu gabea. TESEO Horren solasak baitzirudien kate korapilatu bat: ezer ez eskas, baina oro nahas-mahas. Nor dator hurrena? Sartu Piramo eta Tisbe, Horma, Ilargidizdiz eta Lehoi. Hitzaurrelaria «Jaun-andre onak, zer helduko den ari bazarete galdez, jarraitu hala, egiak oro argituko duen arte. Hona Piramo, baldin nor dugun inor bada jakin-minez. Dama eder hau, Tisbe da baiki, duda egin bazenute. Gisuzko jantziz, gizon hau dugu, ene andre eta jaunak, harako Horma, Horma doilorra, maitarion bereizlea; eta, Hormaren zirrikitutik, gaixoek nolako lanak xuxurlatzeko. Ez pentsa, bada, oker denik antzezlea. Esku-argiaz, txakurraz eta elorri-abarraz, honek antzeztuko du Ilargidizdiz: bada, jakizue ezen ilargipean zutela zita maitari samintsu hauek, Ninok hilobi tristea duen lekuan, hain zuzen. Lehoi deritzon basapiztia ikaragarri honek du Tisbe zintzoa —gauean bera heldua lehenik hara— izu-ikaraz uxatu handik, sustotik baita airatu. Ihesi itsuz, gainjantzia du utzi erortzen lurrera, eta hura du mutur odoltsuz Lehoi doilorrak zikindu. Laster hantxe zen gure Piramo, gazte lirain amultsua. Tisbe finaren gainjantzia du aurkitzen tarrataturik; hantxe hartzen du sastakai latza, sastakai sarraskitsua; braubarrentzen du borbor biziko bere bular odoltsuan. Hor dator Tisbe, masustapean gordea baitzen haren zain, gorputik daga atera, eta han da hil. Gainerakoaz, Ilargidizdiz, Horma, Lehoi zein maitari-bikote biak bitez hementxe solasez luza, eginik zuekikoak». Irten Hitzaurrelaria, Tisbe, Lehoi eta Ilargidizdiz. TESEO Mintzatzekoa ote da lehoia? DEMETRIO Ez batere harritu, jauna: lehoi bat zergatik ez, asto asko mintzatzen da eta. Horma «Antzestirudi beronetan da guztiz garbi agertuko nola nik —Moko ene grazia— dudan Horma antzeztuko. Delako hormak, nahi dut zuek sinestatzea erabat, zulatua du arrail, artesi edota zirrikitu bat, nondik baitira Piramo eta Tisbe maitari zintzoak batzen eginez isil-gordean beren xurxurla goxoak. Honako gisu, ore, harriok dizuete erakusten nerau naizela delako horma:egia horra nabarmen. Hona delako artesi hori, hemen ezker eta eskuin, nondik ikaraz diren xuxurlaz mintzatzen bi maitari duin». TESEO Mintza ote liteke harri-ore-gisua hori baino egokiago inola? DEMETRIO Egundo hizketan entzun dudan trenkadarik argiena, bai jauna. Sartu Piramo. TESEO Hormaren ondora dator Piramo. Ixo! Piramo «Oi gau so-goibel! Oi gau itxura guztiz kolore beltzeko! Oi gau, zeina hor baitzara beti, egun argi ez badugu! Oi gau, oi gau, oi tamalgarrizko hondamen zoritxarreko, beldur naiz ez den ene Tisberen promesa hutsean galdu! —Hi, bada, horma bihotzeko, oi, hi, horma amultsu hori, haren aitaren lurraren eta ene artean jasoa, hi, horma laztan, oi bihotzeko horma amultsu, gaur niri erakutsi, oi, heure arraila, han zuloratzeko soa! Hormak hatzak jasotzen ditu, v bat eginez. Eskerrik asko, horma adeitsu. Jupiter dela hirekin! —Zer ikusten dut, ordea? Ene, ez dut Tisberik ikusten. —Oi horma gaizto, higandik zehar zerua ikusi ezin! Gogor ditiat hire harriok makurtzat madarikatzen!». TESEO Horma, nik uste, sentikor izanik, hitzoi behar lieke ordaina eman. Piramo Ez, bada, jauna, ez luke erantzun behar. «Madarikatzen» Tisberen oina duzu. Puntuan sartzekoa da hura, eta nik behar dut horma-zulotik begiztatu. Ikusiko duzu: esan dizudan bezal-bezalaxe gertatuko da. Hor dator. Sartu Tisbe. Tisbe «Oi horma, hain maiz entzunak dituk ene deitore larriok; banantzen gaituk elkarrengandik Piramo fina eta ni! Gerezi-ezpain hauek ditiztek maiz musukatu harriok, ore-gisuaz eta harrioz osatua egonik hi». Piramo «Hor dut ikusten ahots bat. Noan, bada, orain artesira, handik dezadan ene Tisberen aurpegi gozoa entzun. Tisbe!». Tisbe «Maite laztana! Oi ene, maite, noski zu zerori zara?». Piramo «Bai, noski, hara: zure maitari dohatsua zeren nauzun, Limandro nola, hala ni zintzo eta leial naizateke». Tisbe «Eta Helena nola, hala ni, Patuek eraman arte». Piramo «Zefalo bere Prokris harekin, ni bezain leiala nekez». Tisbe «Zefalo bere Prokrisi bezain natzaizu lotua maitez». Piramo «Oi, emadazu, eman musu bat horma txar honen zulotik!». Tisbe «Horma-zuloa dut musukatzen, eta ez zure ezpainik». Piramo «Elkartu ote gintezke, maite, Nino zenaren hobian?». Tisbe «Hil edo bizi, bizi edo hil, haraxe noa abian». Irten Piramo eta Tisbe. Horma Honela dut nik, Hormak, jokatu neure antzezgai zatia; amaitu baitut, enekin doa Horma horren zer guztia». Irten. TESEO Horra behera etorri bi auzoen arteko harresia. DEMETRIO Ezinbestean, jauna, hormak halako jaidura izanik ohartarazi gabe entzuteko. HIPOLITA Egundo ez bezalako txorakeria da hau, gero. TESEO Halako onenak itzal batzuk besterik ez dira; txarrenak, berriz, ez dira hain ere txar, irudimenak baditu oneratzen. HIPOLITA Zure irudimena behar du izan, orduan, ezen ez berena. TESEO Ez baditugu irudikatzen txarrago berek beren burua duten baino, bikaintzat jo litezke noski. Hona non datozen bi piztia noble: gizon bat eta lehoi bat. Sartu Lehoi eta Ilargidizdiz. Lehoi «Oi zuek, damok, bihotz samurrez baitzarete ikaratzen zoruan narras dabilen sagu, itsusi arren, xaxtarraz, orain menturaz jar zintezkete dardaraz lekutik jauzten lehoi zakarra amorru biziz hasten delarik orroaz. Jakizue ni, Xamar zurgina, gisa honetan naizela lehoi anker bat, ez bestelako lehoi-dama edo hala: ezen banentor lehoi gisara hona borroka-oldarrez, ez litzateke ene bizitza noski seguru irautez». TESEO Jatorra, oso, piztia; kontzientzia onekoa. DEMETRIO Beste piztiarik ez dut, jauna, honen parekorik ikusi inoiz. LISANDRO Azeri hutsa dugu lehoi hau adorez. TESEO Bai eta antzar hutsa ere zuhurtziaz. DEMETRIO Ez, bada, jauna; adorez ez baita gai zuhurtziari gailentzeko, eta azeria, berriz, gailentzen zaio antzarrari. TESEO Zuhurtzia, ziur naiz, ez zaio gailenduko hor adoreari; antzarra ez baitzaio gailentzen azeriari. Aski da horrenbestez: zuhurtzia bekio lagun, eta entzun dezagun ilargia. Ilargidizdiz «Esku-argiak ilargia du bere adarrez antzezten». DEMETRIO Honek behar lituzke buruan eraman adarrak. TESEO Ez da bera hilgora, eta ikusgaitz ditu adarrak zirkuluaren barnean. Ilargidizdiz «Esku-argiak ilargia du bere adarrez antzezten; nerau naiz, bada, gaur ilargiko gizona itxura guztiz». TESEO Hauxe duzu hutsik handiena guztietan: gizonak behar luke esku-argian sartua. Nola liteke bestela ilargiko gizona? DEMETRIO Kandela-suarengatik ez da ausartzen hor sartzen; izan ere, hara, gori-gori dago. HIPOLITA Nekatu naiz ilargi horretaz. Oxala aldatuko balitz! TESEO Antza, zuhurtziazko hain argi gutxiz, ilbeherara bidean da; anartean, ordea, adeitasunez, zentzu onari jaramon, hemen behar dugu jarraitu oraindik. LISANDRO Aurrera, Ilargi. Ilargidizdiz «Esateko dudan guztia da zuei adieraztea esku-argia ilargia dela; ni, ilargiko gizona; elorri-abar hau, ene elorri-abarra; eta txakur hau, ene txakurra». DEMETRIO Halere, esku-argiaren barruan behar lukete horiek guztiok; ilargian baitaude denak ere. Ixo, baina! Hor dator Tisbe. Sartu Tisbe. Tisbe «Hemen du Nino zenak hobia. Non ote ene maitea?». Lehoi [Orroaz] «Orrr!». Tisbe han doa ihesi, eta gainjantzia erortzen zaio. DEMETRIO Ederra orroa, Lehoi. TESEO Ederra lasterraldia, Tisbe. HIPOLITA Ederra distira, Ilargi. Jasekoa, benetan, ilargiaren distira. Lehoik Tisberen gainjantzia muturkatu. TESEO Ederra astindua, Lehoi. Sartu Piramo. DEMETRIO Eta hara Piramo agertu. Irten Lehoi. LISANDRO Eta horra lehoia aienatu. Piramo «Ilargi laztan, eskerrak hiri eguzki-izpiongatik; eskerrak hiri, Ilargi, dirdai biziz haizelako ari; hire errainu finen urrezko distira ñirñirkaritik esperantza dut begiztatzeko ene Tisbe leial hori. Hara, baina, oi zer atsekabe! Errepara, zaldun dohakabe, nolako ikuskari ikaragarria! Ene begi, ikusten al duk hor, sineste hutsa hain baita gogor? Oi ene panpox hori! ; oi maitagarria! Hor zure gainjantzi bikaina, ai ene, odol gorriz zikina! Zatozkidate zuek, Furia ankerrak! Oi Patuok, zatozte, zatozte, moztu hari, bilbe eta beste; izuz, zartaz, akabuz astindu bazterrak!». TESEO Kexu sutsu horrek, eta lagun maite baten heriotzak, hortxe-hortxe liezaiokete bati tristura eragin. HIPOLITA Bada, bihotz honen tamal, pena ematen dit niri. Piramo «Oi, zergatik dun sortu, Natura, lehoi kasta galdu hori? Oraintxe baitit lehoi doilorrak loregabetu laztana, zeina baita —ez, ez— zeina baitzen dama guztietan jori, bizi, maitatzen, alai ibiltzen paregabeko izana. Erdu, negar-malkoak, zeharo hondatu; jalgi hortik, ezpata, eta zarratatu Piramoren titia; ezker titi hori non bihotza baitabil dardaraz jauzkari. Sastakatu bere burua. Hona ni hil, honela, honela, honela. Hilik nago, hara, hilik; eneak jada eginik: badoakit arima zerura. Oi ene mihi hori, ez egin hor argi; Oi ortziko ilargi, zoazkit itzuri. Irten Ilargidizdiz. Hil, bada, hil, hil, hil, hil». Hil. DEMETRIO «Bada» ez baizik «bata» horra irten horri; bateko ederra. LISANDRO Batekoa baino gutxiago, aizu; hil denez gero, hutsa duzu noski. TESEO Kirurgia apur baten laguntzarekin, osa liteke oraindik atzera asto bat izateraino. HIPOLITA Nola liteke Ilargidizdizek alde egitea Tisbek hona itzulirik bere maitalea aurkitu baino lehen? TESEO Izar-argitan aurkituko du. Hor non datorren. Ostera sartu Tisbe. Honen kexu biziarekin amaitzen da obra. HIPOLITA Ez ahal du deitore luzerik egingo halako Piramo batentzat. Espero dut labur aritzea. DEMETRIO Tanto batek desorekatuko du balantza, ea Piramo den, ala Tisbe, hoberena: bata, gizontzat (Jainkoa balia! ); bestea, emakumetzat (Jainkoak bedeinka)! LISANDRO Aurkitu du jada gizona bere begi gozo horiekin. DEMETRIO Eta hor zer dioskun, hara: Tisbe «Lotan, ene laztan gozo? Ene! Hila, ene uso? Oi, hortik, Piramo, jaiki! Hitz egizu. Guztiz mutu? Hila, hila? Hobiratu beharko ditugu aurki begi gozook. Lirio-ezpainok, sudur gerezi fin hori, sanjose-lore horizko masailok, joanak dira, joanak: egin dolu, maitaleak: porruen berdez zituen begiok. Oi Hiru Ahizpak, hona, erdu, zatozte nigana, esku esne halako zurbilokin: odol-blaitu itzazue, zorrotz eten baituzue haren zeta-haria aizturrekin. Mihi, hitzik ez jadanik. Hator, ezpata fin, hortik, sastadaz dadin bular hau jario. Sastakatu bere burua. Bakea dela zuekin; horra Tisberenak egin. Adio, beraz, adio, adio». TESEO Ilargidizdiz eta Lehoi geratzen dira hilak ehorzteko. DEMETRIO Bai eta Horma ere. Zutitu BARREN. BARREN Ez, bada, hara: erori zen horma bion aitak banantzen zituena. Nahi al duzue hitzatzea ikusi, edota bergamaska-dantza bat entzun gure bi kidek zertua? TESEO Hitzatzerik ez, otoi; zuen obrak ez baitu behar desenkusarik. Ez da zertan desenkusatu, zeren, antzezleak hilik daudenean guztiak, ez da errudunik bilatu behar. Hara, zer hau idatzi duenak Piramorena jokatu balu eta bere burua urkatu Tisberen galtzaritik, tragedia ederra zatekeen hau. Eta, izan, hala da zinez, eta poliki asko antzeztua. Tira, ekin bergamaska horri. Utikan hitzatzea. Dantza. Gauerdiak burdin mihiz hamabiak ditu jo. Maitari finok, ohera: gau-xarmen tenore da. Beldur naiz datorren goiza lo luzez joango den, hainbeste nola beilari baitugu eman gaua. Antzerki nabarmen honek ederki du arindu gauaren pauso astuna. Segi, bada, ohera. Hamabostaldi oso bat iraun beza ezteiak, ospakizunoz ekarriz bozkario berriak. Irten. Sartu Mattin. MATTIN Horra hor lehoi gosea orroaz, otsoa uluka ilargiari; goldari gogorra, berriz, zurrungaz, neke astunen akidura-sari. Txingar iraungiak horra dirdaiez, ontzak oihu ozen dagielarik, minez datzan gaixoari hainbestez hil-beztidura oroitarazirik. Horra heldu gau-tenore hori non, hobiak, ahoa zabalduz, diren zein bere mamuaz husten edonon, hilarriz hilarri hortxe limurtzen. Eta maitagarri-elfook, zeinak, Hekateren talde hirukoitzaz bat, ez garen eguzkirako eginak, ilun zale geurez nola amets bat, hona pozez saltoka. Sagurik ez: libre da etxe dontsu hau nahaslez. Erratza eskuan naute igorri, hautsak astintzeko atepe horri. Sartu OBERON eta TITANIA segizioarekin. OBERON Goxoki eman etxean argia su bizigalduaren inguruan. Elfo, maitagarri-jende guztia, arin egin brinko txori moduan. Eta lelo hau kantatu enekin, soinuaz dantzatuz arin bai arin. TITANIA Errepika guztiok buruz kanta; hitz bakoitzari bere txio-nota. Leku hau, elkarri eskutik helduz, dugu bedeinkatuko xarma-kantuz. Kanta eta dantza. OBERON Denok, bada, egun argira arte, ekin, maitagarriok, atez ate. Goazen ezkon-ohe onenera, mila bedeinkazio banatzera; handik hala sortuko den fruitua izan bedi beti zoriontsua; eta bikoteak, hirurak ere bihotz zintzoz bitez izan maitale. Naturak haiengan egin akatsak ez bitza beretu haien emaitzak; ez orin, ez orbain, ez erbi-ezpain, ez parte txarreko marka —nola hain sarri baitu eragiten jaiotzak— ez beza nozi gurasoon haurrak. Zelai-ihintz honek sagaraturik, maitagarri oro, segi bertatik dohatsu egitera jauregi hau, bake ederrean egun eta gau; hala, haren jabe bedeinkatua lasai biziko da, segurtatua. Zoazte, ekin, ez utzi geroko; itzuli hona egunsentirako. Irten OBERON, TITANIA eta segizioa. MATTIN Itzalok gaur inor badugu mindu, egin kontu —hala zama arindu— kuluxkatxo bat egin duzuela ikuskariok antzezten zirela. Eta egitasmo erkin, maskal hau —amets huts bat fruitu, garauak garau—, jaun-andreok, ez gogorki astindu; onbera izan, ondu gaitezen gu. Sinetsi, iratxo zintzo naizenez: zorte badugu —ezen meritu ez— suge-txistuei egiteko itzur, gerora gara hobetuko ziur. Bestela, iratxo gezurti jo ni. Gau on, bada, honatu den orori. Txaloz luzatu eskuok, lagunak: ematen daki Mattinek ordainak. Oharrak [←1] http://www.eizie.eus/uda_ametsa [←2] http://www.eizie.eus/uda_ametsa/UGBAeus [←3] http://www.eizie.eus/Argitalpenak/aitzindariak/ametzaga [←4] http://www.eizie.eus/uda_ametsa/sukaldea1
Aurkibidea Torturaren zutoin beltza Hitzaurrea Egunerokoa eta gutunak kartzelatik Zutoin beltza Joseba Arregiri: Elegia eta etorkizuna Torturaren zutoin beltza Fito Rodriguez 2021eko otsailaren 13an Joxe Arregi jasandako torturengatik hil zela berrogei urte bete dira. Norberak bere buruaren kontra deklaratzea besterik bilatzen ez duen aitortzak ez omen du balio judizialik baina, halere, hori baino ez du bilatu hemen poliziak euskaldunon kasuotan bederen. Hori dela eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologia Euskal Institutukoak “1960tik 2014ra bitartean Euskadin izandako torturaren ikerketa proiektua” zuzendu zuen baita Nafarroako Foru Erkidegoan antzerako ikerketa burutu zuen ere ia 5000 torturatu kasuren berri dokumentatuz. Henrik hona lege ekimen hauek abian jarri dira E.A.En: Alde batetik 107/2012 DEKRETUA, ekainaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei kalte-ordainak ematekoa. Eta bestetik, 12/2016 Legea, uztailaren 28koa, EAEn 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa. Dena den, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hamaika aldiz kondenatu du Espainiako estatua, salatutako tortura-kasuak ez ikertzeagatik. Torturak frogatzea zaila izaten da oso. Tortura frogatzea zailtzen duten polizia-arauak aldatzea, ordea, erraza izango zen baina, esan daiteke, polizia torturatzaileak babestea eta, behar denean, saritzea errazago egiten duela Gobernuak, demagun, atxilotze-inkomunikazioa ahalbidetzen duen protokoloa bertan behera uztea baino. Nire kasuan, hamar eguneko inkomunikazioa igaro ostean kartzelan sartu ninduten eta, pasatutakoa pasatuta, ezin esan kartzela gogor egin zitzaidanik. Giltzapeak giltzape, espetxea komisalgoa baino askoz eramangarriagoa izan zen.Hala ere, zenbait egunen buruan, botaka hasi nintzen gauerdian iratzartzen nintzelarik. Ez nengoen eri, baina bai gaizki. Ez nekien zer pentsatu, ez eta zer edota zeini zer esan ere, gau bat bestearen atzean gonbitoka esnatzeak eraman ninduen inguruan nituen lagunei ene kasuaz galdetzera, ustean, hori ergelkeria!, nirea gauza arraroa izango zela eta, aldiz, hura harridura hura... lagun gehienei espetxerakoan antzerakoa gertatu zitzaiela adierazi zidaten. “Komisaldegikoak ari haiz botatzen”, diagnostikatu zuten eskarmentu kolektiboak eman ohi duen herri jakinduriaz, “torturen garbiketak dituk, eta hobe kanporatzea barruan eramatea baino...” arrapostuz. Esaterik dagoenak mugak ditu eta egoera bakoitzean botereak esan daitekeenaren ertzak markatu ohi dituenez, ikasi nuen hori niretzat bakarrik gorde nahi ez dudanez, banoa neronek ere torturari buruz zerbait botatzera, argi esatera, gizarte gorputzaren gaixotasun horren ondorioak arintzen lagunduko dudalakoan. Hona hemen adierazteko dudana. Gizarte modernoen oinarria izan zen Ilustrazio garaian justizia, mendekua izatearen partez, ikerketa bihurtu zen. Horrela, frogak hartu zuen aurretik aitortzak zuen garrantzia. Erdi Aroko Inkisizioak aitorpenak eskuratzeko erabilitako torturen ordez, ustez egindako kalteen araberako arrastoei kasu eginez erdiesten ziren frogek ematen zuten kulpantearen berri. Ez zen, beraz, inork bere buruaren aurka deklaraziorik egin zezan onartzen erruduntasuna frogetatik zetorrelako ezaguera berria aldarrikatzen zuen gizarte demokratikoan. Argien mendean, jakina, argibideak izan ziren azterketen ezaugarri nagusia, baita polizia zereginetan ere... Aipatu gizarte aldaketan justizia botere eragiletik nahiz legegiletik bereizi zen eta polizia bera, funtsean, bere menpean hartu zuen. Gobernu demokratikoak ardatz hauetatik garatzen hasi ziren. Hau da, argi esanda, torturaren erabileraren bazterketa ez dator, berez, kondena moral edo etiko batetik, gizarte eraldaketa oso batek eraginda izan dela baizik. Torturaren partez, beraz, froga lortu beharra zegoen, baina, tortura, berriz, nekez froga daitekeenez... demokrazian ote gauden zalantzazkoa izango da beti benetan torturarik ez dagoela frogatzerik ez dagoen bitartean. Komunikagaitza denaz aritzeko balio du, besteak beste, literatura. Adibidez, kontraesan honetara gerturatu zen Ariel Dorfman idazlea bere «Herioa eta Dontzeila» antzezlanaren bidez. Hartan, protagonistak ez daki seguru bere torturatzailearen aurrean ote dagoen, atxiloturik egon zen denboraldia begiak itxita pasa zuelako baina, halere, arrastoak baditu, eduki, eta hori saiatuko da argitzen... Tortura kasu horren deskribapenean, ordea, gainerakoetan bezala bestalde, ez da torturatzailearen errua soilik azalduko, torturak berak ezkutatu egiten dituen funtsezko gizarte ezaugarriak agerian utziko dituela baizik (jarrera sexistak, memoria kolektiboarekiko mespretxua, inpunitatea...) benetan dagoen egoera politikoa nabarmenduz (konplizitatea, ustelkeriak...). Zergatik ez dute onartzen, bada, torturaren aipamena oraingo eta hemengo hedabideetan? Tortura ematen den tokian gizarte demokratikorik ez dagoela begi bistan uzten duelako, noski. Eta ez hori bakarrik, itaunketa polizialetan torturarik badagoen frogatzea zaila izan arren (Barne ministro guztiek ongi dakitenez...) torturaren erabilera sistematikoak benetan polizia ikerketarik ez dagoela frogatzen duelako. Norberak bere buruaren kontra deklaratzea besterik bilatzen ez duen aitortzak ez baitu balio judizialik baina, era berean, hori baino ez du egiten hemen poliziak euskaldunon kasuotan bederen. Eta frogarik ezean, gizartea ez dela demokratikoa frogatuta geratzen denez, hobe barruan uztea kanporatzea baino... Larri daude. Gaixo gauzkate. Eva Forest idazle eta editorea, torturaren aurkako borrokalaria eta eskubide zibilen defentsan aritutako lagun konprometitua eta solidarioa izan zen, bizirik dagoen Alfonso Sastre bere bikotea bezain beste bederen, eta torturaren aurkako borrokan haien oinordekotza ez dugu ahaztu nahi. Ildo horretatik, torturaren salaketarekin batera, haien omenezko ekitaldiak antolatu dira Euskal Herrian eta liburu honek, beraz, haien lekukotasuna eman nahi du. Horretarako Alfonso Sastrek 1986an idatzitako eta Eva Forestek 1993an argitaratutako “La columna infame” izeneko antzezpenaren euskal ordaina (Zutoin Beltza izenekoa) estreinakoz taularatu eta argitaratu dugu elebitan. Halaber, Sastrek Joseba Arregiren omenez idatzi zuen poema ere argitaratu nahi izan dugu hemen. Esan bezala, “Zutoin Beltza” Alfonso Sastrek 1986an idatzitako antzerki pieza didaktiko txiki bat da, inoiz ez aurkeztua publikoaren aurrean. Izenburuak Milango zutabea gogoratzen du non herritarrak torturatuak izan ziren beste herritar batzuk egindako salaketengatik eta sortutako zurrumurru istorio faltsuak kausa. Hau dena 1630eko izurri beldurgarrian suertatu zen (orain bezalako sindemia garaian). Egia esan, orduko salatarien ohorea baino gehiago torturatzaileen salaketa erakusten zuen aipatu zutoinak. Pandemia, edo sindemia, sasoi honetarako testu honek gogoratzen digu giza eskubideek herritarren segurtasunarekin talka egiten dutela eta torturaren aurka azaltzeak giza duintasunaren aldeko ezinbesteko jarrera behar duela izan. Testu horren aurrean, sarrera gisa, Eva Forestek 1975an argitaratutako Journal et lettres de prison (Éditions des femmes) liburuaren hitzaurrea dakarkigu hona. Hartan, bere soiltasunean, errepresioak ukitzen duen alde barnekoia eta haren aurkako elkartasunaren premiaz modu hunkigarriaz azaltzeko lekukotasuna ezin hobeagorik eskaintzen digu. Hitzaurrea Egunerokoa eta gutunak kartzelatik Eva Forest Duela egun gutxi liburu hau argitaratzeaz hitz egin zidatenean, lehen bultzadak hori ukatzera eraman ninduen. Ez bakarrik barruan daraman eta oraindik idatzi nahi dudan borroka-liburua ez izateagatik, baizik eta izkribu hau oso barnekoia delako, ez beste inork irakurtzeko pentsatua eta, horrezaz gain, oso egoera kritikoetan sortu nuen hau dena. Haietaz gogoratzen naiz nik egoera gainditu ahal izateko egin nuela eta, bide batez, behar bezala jarraitzeko egin behar nuen ahalegin ikaragarriaz. Guztiaren gainetik aurrera segitu ahal izatea egun batez kontatu ahal izateko, une izugarri haien lekukotza uzteko. Haien distira oraindik itsuak dira, eta lotsatuta naukate. Hilabeteetan, gutun hauek salbatze-taula bat izan dira inguratzen gaituzten eldarnioaren erdian, eta egoera zehatz eta atsegin bati heltzeko modu bat izatera behartzen naute: ezin hutsik egin hitzordura, beraz, betebehar gozoa izan da horretaz idaztea, egunik uzkurrenetan zutik mantendu nauen konpromisoa. Beraz argitaletxe bati emateko baimena ematen dut. Horregatik errefusatzen dut lehen kontrako jarrera. Izan ere, gero hobeto pentsatu nuen, era zehatzagoaz eta egoera kontuan hartuta... Egoera berri bat da hau, errepikatuegia izan arren, aspalditik elkartasunaz arduratzen garenontzat...eta ezin nion ihes egin dokumentu baten, testigantza baten, alerta-oihua indartu eta hobeto ulertzen lagunduko duen gutun soil baten babesak zerbait egiteko duen garrantziari. Eta, ikuspuntu horretatik, erresistentziak menderatu nituen. Liburua argitaratzera doazenek uste badute beharrezko tresna bat dela, eta lagungarri gerta dakiokeela borroka horretan, proposamena atseginez onartzen dut. Hor dute: ahalik eta hoberen emango dutelakoan. Ez dut aldez aurreko irakurketarik edo berrikuspenik behar. Zutoin beltza Alfonso Sastre Koadroen taula 1. TORTURA MILANGO ERARA 2. ESPAINIAKO TORTURA KLASIKOA 3. GIZARTE JOKOAK 4. BEHEAN SINATZEN DUTENAK 5. KOMISARIO BATI TIRO EGITEA 6. TORTURAREN DEFINIZIOA 7. ATE BATZUEN ATZETIK 1. TORTURA MILANGO ERARA Agertokiko elementu bakarra zutoin bat da.- «zutoin beltza». Pertsonaia anonimo bat —emakumea edo gizona— publikoarentzat berdin da, eta honela dio: KONTALARIA.— Kontatuko dizuegun istorioa Milanen hasiko da, non, batzuk etortzen diren bitartean besteak joaten diren, 1630ean gutxi gorabehera. Milanen jendeak oso gaizki pasatzen zuen. Izurri bubonikoaren sasoia zen, kronika ospetsu batean aipatua. Zein zen izurrite izugarriaren jatorria? Hildakoak pilatu egiten ziren, eta edozein etxe bizitzatan izurriteak gazte edo zaharrak seinalatzen zituen, eta hori gertu gertatzen zen; ez zen urrutiko gauza. Herritarren lankidetzak, nire ustez, argitasun gutxirekin ebatzi zuen gaia. Leiho txiki batetik, bi herritar atsok gizon goibel baten esku gaiztoak eta ankerrak ikusi omen zituzten, bazilo ilunekin ukendu gaiztoez hormak igurtziz. Modu gogor samarren bidez, preso bilakatuko zirenei beren jokabide gaiztoa aitortu arazi zieten. Herritar zitalak exekutatu zituzten eta zutoin bat egin zen, gizarte zibilaren txalo artean, beren zigilu likatsuekin atentatu egin zutenen belztasuna betiko oroitzeko. Aldiz, ez zen inoiz izan han ukendu edo zigilu likatsurik eta zutoin beltza, berau altxatu zutenen belzkeriaren eta tortura metodo beldurgarrien memoria bihurtu da. Jarrai dezagun aurrera... 2. ESPAINIAKO TORTURA KLASIKOA Kontalaria jarraitzen du eta bi gizon taularatzen dira, otsoaren eta hartzaren nahasketa diruditen bi gizon, alegia —animali maitagarri horientzat barkamena eskatuz— Rinkonete izeneko gazte bat burua estalita atxilo daramatela. KONTALARIA.— Miguel Cervantesek «tormentu-tragoak» deitu zion lehen ezartzen zen uraren tormentuari. “Rinkonete eta Kortadillo” izeneko nobela famatuan morroi batek istorio tristea kontatu zuen. (Morroia ateratzen da) Morroia.—«Aurreko egunetan hiru samin eman zizkioten lapur bati, eta denak bizi izan zituen ezer esan gabe, ezer gertatu ez balitz bezala». KONTALARIA.—Horrela deitzen zioten «saminak»— horri, uretako tormentua horri, gutxienez, tortura antipatikoa dena. Historialari ospetsuak argi eta garbi kontatu izan du, munduaren eta jendearen kultura areagotzeko. (Morroia akademiko apur batez mozorrotzen da, Francisco Rodríguez Marín jauna da (Cervantesi buruzko aditua), bizarrarekin eta betaurrekoekin, eta liburu batean, irakurriko balu bezala, kontatzen du.) Morroia.—«Horri uraren tormentua edo ur berria deitzen zitzaion (ustezko otsoak eta hartzak deskribapenak dioena egiten dute). Gaixoaren aurpegian liho-zapi bat jartzen zuten, sudur zuloak estaltzen, sudurretik arnasarik har ez zezan, eta ahoan ura izurtzen zuten, zapia erabiliz zurrustaka, zapia eztarri sakoneraino eraman nahian». (Hala egiten dute, eta Rinkonetek hilzoriaren larritasuna du. Eztula eta oka egiten du.) KONTALARIA.—Cristobal Chavesek dioenez «Sevillako kartzelan» idatzi famatuan, beste leku madarikatu bat, funtzionario bat zegoela, oso estimatua, eta haren espezialitatea —«oinazetuak osatu eta sendatzea»— zen; izan ere, kalamitate hutsa baitzen bortxaren seinaleak agertzea, edo, are okerragoa , gizakia bera hilik geratzea, kolpez eta odolez beteta azaltzea. (Arregiren hilotzaren argazki erraldoiaren proiekzioa.) Lope de Vegak ere Espainiako ohitura zahar bezain ziztrin hori kontatu zuen, hantxe «Fuenteovejunan». Tortura-saiakuntza zegoen... Ez duzue eszena gogoratzen? Nik gogoratzen dudanez, nahiko ona zen. Komendadorea hil ondoren, torturatu egingo dituzte. Eta zer esan beharko dute? Zer dute kontatzeko? (Gure aktoreek eszena hau irudikatuko lukete, pertsonaia bat eginez, aliatu egiten ziren jantziekin, ikusleen aurrean; bitartean, morroiak edo beste edozeinek pintada bat egiten du espraiarekin atzekoko paretan: TORTURARIK EZ.) Esteban.— Saia gaitezen. Ikertzailea izango naiz, egin behar dugun horretan hobeto entseatzeko. Izan bedi Mengo tormenturako jarrita dagoena. (Mengoren lana egiten duenak sabela handi bat jarri du jantzita. Moxal bat edo tortura-tresna bat ere jarri dute.) Mengo.—Ez al duzu beste bat, flakoagoa aurkitu? Esteban.—Benetan zela pentsatu zenuen? Mengo.—Di presto. (Birak ematen dizkiote tornuari, hanka bat estutzeko edo luzatzeko.) Esteban.—Nork hil zuen komendadorea? Mengo.—Fuenteovejunak. Esteban.—Zakur alena, martirizatzen bazaitut? Mengo.—Hil arren, jauna. Esteban.—Aitortu, aker halakoa! Mengo.— Aitortzen dut. (Pixka bat lasaitzen dute. Arregiren proiekzioa desagertu egiten da.) Esteban.—Nor izan zen ba? Mengo.—Fuenteovejunak. Esteban.— Eman beste buelta bat! Ez da bat bera ere! Hara ikerketarekin! (Guztiek barre egiten dute. Narratzaileak morroia parte hartzera gonbidatzen du bertso hauekin.) KONTALARIA.—Bai, barre egitea negar ez egiteagatik; baina nondik dator tortura hitza? Hiztegira! Morroia.—Ados. (Irakurri liburu batean) Latinetik dator hitza, tortura da ere, eta «tortsio ekintza», bihurritzea alegia, esan nahi du. Tormentum soka bat zen, bihurritze jasanezinetarako erabiltzen zena. «Tortus» hitzak latinez, bira edo haria ere esan nahi du. Definizio ospetsuak! Espainiako Akademiaren hiztegiak nola edo hala islatzen du hitz horiek erabiltzen ziren gizarte-egoerak. Hiztegi honetan «soka tratuaz» edo «txirrika» aipatzen da, eta honela dio: «txirrika batetik pasatzen zen sokan presoa zintzilikatzen zen bere pisuarekin ito zedin. Buruko tratuan ura irents arazten zioten gaza mehe baten bidez ere». KONTALARIA.— Utzi istorioak alde batera, gauza segurua baita hemen eta orain diktaduran bezala torturatzen dela. (Herri-manifestazio baten grabazioa, kontsigna hau deklamatzeko: DIKTADURAN BEZAIN BESTE TORTURATZEN DA ORAIN ERE.) 3. GIZARTE JOKOAK KONTALARIA.— Egia esanda, ezin da tratatu umore kutsurik gabe praktika beltz hori izugarria baita gaur bertan, eta Arregi, Zabalza edo Almeriaren izuak antzerkitik eta haren bidetik kanpo geratu daitezela. Gizarte-jolasak, kuarteletan eta polizia-etxeetan zakurren aisialdirako. Zakurra esaten baitzaio iluntasunean biktimari jipoitzen duenari.) (Morroiak joko horien irakasle gisa jokatzen du orain, eta besteek, berriz, haiek erakusteko monitore gisa. ). Morroia.— Begiraleak, mesedez. Lehenengo ariketaren izenburua «Gurpila» da, eta berotzen hasteko balio du. (Begiraleak biktimaren inguruan jartzen dira eta txandaka kolpatzen dute, biktima lurrera erori arte. Orduan denak beren postuetara itzultzen dira.) Bigarren ariketa «Txirringa» da, «Ahatea» ere esaten zaiona. (Monitore batek eskumuturrak lotzen dizkio beste bati belaunaren atzetik, beste bati hirugarren batek ipurdian ostikoak ematen dizkio, eta «Txirringa» horretan ibiltzera behartzen du biktima erori arte. Gero askatu egingo dute eta bakoitza bere tokira itzuli egingo da.) Egin dezagun orain «Zaldiko-maldikoa», mesedez. (Biktima aulki birakari batean lotzen dute, eta buelta zorabiagarriak ematen dizkiote, konortea galdu arte. Orduan, askatu eta lurrera botatzen dute. Suspertzeko ura botatzen diote. Biktima jaiki eta bere postuetara itzuliko dira.) Orain, «Zintzilikarioa» erakutsiko dugu, dibertigarrienetako bat, nahiz eta orain gutxi erabiltzen dela dirudien. (Biktima oinetatik lotu eta lurretik altxatzen dute sokatik gorantz tiratuz paretan itsatsitako edo sabaitik zintzilik dagoen polea batetik. Ondoren, soka hormako edo zoruko burdin batera lotzen dute eta biktima oinetatik zintzilik uzten dute. Orduan, sabelean jotzen dute, eta, gizona bada, barrabiletan. Biktimaren garrasiak entzungo dira orain Singapurreraino. Gero, berehala, koadroa desegin eta beren postuetara itzuliko dira. Ondoren, morroiak honela dio:) —«Kirofanoa» (eta eszenan egiten da). —«Bainuontzia» (eta egin egiten da). —«Elektrizitatea» (eta egiten da; hori guztia oihuz, garrasi luzez eta perkusio handiz, eta, ahal dela, txalaparta, urruneko herri bati laguntza-mezu bat jakinaraziko balitzaio bezala. Azkenean, morroiak perkusioa keinu batekin eteten du eta monitoreei eskatzen die:) —Orain, jolas psikologikoaren lagin bat esaldi eta irain komenigarrienen hiztegi txiki bat. (Monitoreek biktima, odoleztatuta, aulki batean ezartzen dute eta esaldi batzuk esaten dizkiote:) 1. Marikoia. 2. Larrua joko dugu zure amareki. 3. Viva España esan, putasemea. 4. Esan: «Iñaki Letamendi etarra zikina aurkezten da ». 5. Entzuten garrasi horiek? Ondoan, zure neska-laguna bortxatzen ari dira. (Beste aulki batean, emakume baten biktima bat ere odoleztatu da. Horretarako esaldiak honako hauek izan daitezke, baina taldeak beste testigantza asko har ditzake.) 1. Zikin urdea zara. Ez duzu ikusten pixa egin duzula gainean? 2. Hilekoarekin zaude, urdanga? 3. Makila hau sartuko dizugu aluatik. 4. Aita atxilotzera joan gara eta beldurrez hil da marikoia. 5. Azken finean, maja zara eta guretzat lan egingo duzu. Tira,kendu mukiak eta neska zentzuzkoa izan zaitez. (Isiltasun handia dago. Biktima mugiezinak dituzten bi aulkien gainean iluna egiten da. Esan beharrik ere ez dago gizonen edo emakumeen banaketan parte hartzea taldearen aukeren araberakoa izango dela eta narratzailea gizon edo emakumea izan daitekeela, adibidez. Eta abar.) 4. BEHEAN SINATZEN DUTENAK KONTALARIA.— Torturari batzuek«odoluste ustela» esaten diote. baina sistema beltz baten zutoina da, eta intelektualek horren aurka idatzi arinak egin ohi dituzte. Behean sinatzen dugunok —zioten aho txikiz— negar eta garrasi batzuk entzun dituztela uste dugu, Euskal Herrian, Asturiasen, Madrilen edota Valentzian, eta horrek gure pazientzia santua agortzen du. Begirunez eskatzen diogu, Fraga ministro jaunari, arazo honi buruz zerbait egin dezan. Horrelako idatziak erabili ziren, besteak beste, José Bergamín erbesteratzeko. Egun batean, ez dakit 70eko hamarkadan, kontua ez baitut eramaten, tortura haien kontra manifestu ugariak atera ziren ildo beretik. 5. KOMISARIO BATI TIRO EGITEA Mugimendu mantsoekin, Manzanas komisarioaren heriotza antzezten da. Narratzaileak honela dio: KONTALARIA.—Irunen gertatutako indarkeria-ekintzak asko eman zuen pentsatzeko: baietz, ezetz, bai baina... Orduan, inbutuaren legeari buruzko poema latza entzun nuen. (Hurrengo poemarako musika egitea edo bilatzea iradokitzen da, eta kantatuko du, gitarrarekin edo beste edozein akonpainamenduarekin, morroiarekin.) ABESTIA.— Nire kontzientziaren aurka doa inbutuaren legea: Hiltzen banaute, ordena da. Nire burua defendatzea, indarkeria. Nire kontzientziaren aurka doa inbutuaren legea: Ordenuaren zaindariek makilakadak ematen dizkidate. Indarkeria da, berriz, nire aldeko defentsa. Gorengo jaunek uste dutenez, ez daukat zeri heldu: Ni hiltzen banaute bakea da eta gerra da ni defendatzea. Indarkeriak indarkeria sortzen du, esaten dute goibel. Negarrak entzuten dituzue. Ez al ziren gure oihuak aditu? Bizitza alaia heriotza tristea zuen ezagun. Horrela ikasiko dute besteek. Tormentuan biziko dira tormentuaz bizitako piztiek. Horrela ikasiko dute besteek. diote tortura darabiltzaten piztiek. Nire kontzientziaren aurka doa inbutuaren legea Hiltzen bagaituzte, ordena da. Nire burua defendatzea, indarkeria. 6. TORTURAREN DEFINIZIOA KONTALARIA.— Gustatu zaizue funtzioa? Halere, bukatu baino lehen geratzen zaigun denbora NBEri buruz hitz eginez aprobetxatuko dugu; izan ere, 75ean esaldi seguru baten bidez definitu zuen tortura. (Morroiak definizio hori irakurtzen du, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1975eko abenduaren 9an formulatutakoa.) Morroia.— Torturatzat hartuko da funtzionario publiko batek edo beste pertsona batek, bere instantzian, nahita, beste pertsona batzuei jasanarazi dizkien zigor edo sufrimendu larriak, fisikoak nahiz mentalak, ekintza horren bidez informazioa edo aitorpena lortzeko asmoz. Pertsona bati egindakoagatik edo egin ote duenagatik zigortzea, edota, halaber, helburu beragatik pertsonak izutzea. KONTALARIA.— 75. urtean. Tokion ospatutako Sendagileen Batzarrean, Japoniako hiriburuan, tortura definitu zen, jende askok ez jakin arren eta gutxik gogoratzen dituzten hitzez. Morroia (irakurtzen du).— Tortura da pertsona batek edo gehiagok, nahita, sistematikoki eta begirunerik gabe, sufrimendu fisiko edo mentalez eragitea beren kabuz edo edozein botere-motaren aginduei jarraituz, beste pertsona bati informazioa atera araztera, aitortzeko bideratzea edo beste arrazoiren batengatik behartzea. (Testua utzi eta jendearentzat da.) Definizioa nahiko eskasa eta erabat eztabaidagarria. Hitz egingo al dugu horretaz antzezpen hau amaitzean? Adibidez, gogoratu daiteke Foucaultek torturari buruz zioena, ikerketa-metodo bat baino gehiago, epaileak akaso emango ez duen zigorraren aurrerakina dela, alegia. Susmagarria izate hutsak, Foucaulten iritziz, zigor bat merezi izatea ekar dezake, «itaundutako soina, zigorraren eta egiaren estortsioaren aplikazio puntua da». Baina, gainera, guretzat, esan dugun bezala, sistemaren zutabe bat da! Zutoin beltza! (Argia zutabearen gainean eta txalaparta erritmo bizian, ilun osoa, luzea, egiten den bitartean.) 7. ATE BATZUEN ATZETIK (Ilunak gutxi irauten du argia itzultzen delako, orain hainbat estilotako ateen gainean, foroaren gainean proiektatuta —Antiguako kuartela, Puerta del Sol, Vía Layetana...—, eta narratzaileak, berriz, aktoreek ateetan finkatzen ez diren eta eguneroko ekintzak, edozein egunetan gertatzen direnak, egiten dituzten mugimenduak egiten dituzte.) KONTALARIA.—Ate horietako edozeinen atzean infernua egon daiteke. Morroia.—Itxura inuzenteko ate batzuen atzean tortura-kabineteak daude. Bestea.—Jendea aurretik pasatzen da ate horien beste aldean gertatzen dena imajinatu gabe. Beste bat.—Mundu honetako beste ate batzuk bezalakoak dirudite; beste aldean, dama batek poema-liburu bat irakur dezake, gazte batek bizitza berri batean amets egin eta ispiluaren aurrean orrazten den bitartean. Beste edo Beste bat.—Ate horietan ez dago ezer hondaturik. Bertan ez da irakurtzen: PER ME SI VA NELLA CITA DOLENTE. KONTALARIA.— Edo, ITXAROPEN ORO UTZI SARTZEN ZARETENOK. Morroia.—Baina denek dakite infernua beste aldean dagoela. Beste.—Zutoin beltza. Beste bat.—Bota ate horiek. Beste bat.—Bota zutoina. (Txalaparta erritmo bizian aktoreak zarataz gainbehera etorriko den zutoina eraistera doaz.) AMAIERAKO TELOIA Joseba Arregiri: Elegia eta etorkizuna Alfonso Sastre Ate batzuen atzean infernuak bizi dira. Nork ez daki hori? Zoratuta gaude, akaso? Ate batzuen atzean, ahots lizun eta ilunez, puzkerraz kolpeez eta guzti, ikaragarrizko algarez, Herioak hartzen gaituela badakigu. Askotan sartu izaten da infernuan. Batzuk ez dira handik atera. Joseba Arregi, zu. Urte asko igaroko dira, baina ezinezko hori badago: ezin da utzi, amets egin behar da: existitzen al da hori? Ate batzuek, irekitzean, bulego aspergarrienek dirudite, eta tristeak, mekanografo eta amets hilkorren tragedia arinak dituzte; baina hormaren hari mehean, norbaitek auhena bota du, eta, orain, bere larritasuna adierazi nahi du, ez baitu inork entzun behar pareten artean eta keinu zoologikoen eta haien Espainiaren aldeko orroen artean. Mundua amaitu da? Non nago ni ?, eta nire anaiak? Edo non zaudete zuek, hain barruan eta hain urrun? Zizurkilgo plaza badago oraindik? Adiskideen arteko poteoa? Euskadiren ametsak, besarkada, bizitza? Ez zaitut imajinatu nahi, Joseba; utzi lo egiten pixka bat, etzanda. Nekatuta nago gaur, eta zu hilda zaude. Zu hil zara gaur, eta ni oso nekatuta nago. Zu oso nekatuta zaude eta ni hilda nago? Nire poetei eskua heltzen diet zuri eskua hartzeko, nire tristuraren esku ez geratzeko Eskua kolera da. A, zuk esan zenuen Vallejok, Peruko astoaz zenion moduan: Ez izan gaiztoa hiltzean, mantsotu! Mantsotu hiltzean, eta ez zara hilko! Joseba, orain, zer nahi duzu esatea? Oso gozoa da goiza gaur. Atzo, ikusten ez dituzun lainoak izan genituen, eta zirimiria fereka izan zen. Bihar zure bila joango naiz, ados? Inoiz ez zintudan ezagutu, baina orain zure itzala oso gertukoa sentitzen dut, eta berak ibiltzera animatzen nau, imajinatzen duzu zer...? Beraz, ez pentsa gu uztea: ez, ez, ez joan inoiz , begira, eta ez haserretu, ikusten zaitut, orain hainbeste hitz egiten baitut zutaz: denbora baterako baino ez da, eta ezin dut gaueko iluntasun hura ahaztu (ze gauzak esaten ditudan...) irratiz entzun nuen zure heriotza, eta pentsatu gabe esan nuen: madarikatuak izan zaitezte!, eta gauza bortitzagoak! Bestela, zutaz kantatu ondoren, hobeto nago, eta zuk jaikitzera animatu nauzu, eta zutik nago, ikusten duzu, eta bidean nago eta lore gorriak hilobira eramango ditut baina ez loreak heriotzarako, ez, baizik eta etorkizuneko karmesi edo eskarlata bat loratzeko lurrikararako, aski da elegiaz. Goiza gozo dago Txingudiko badian! Laster iritsiko da udaberria, beti bezala! Hondarribian, 1985ko otsailaren 9an
booktegi.eus Letraz letra ANTONIO CASADO DA ROCHA Hitzaurrea Kultura, labur esanda, harremanak sortzean eta haien bidez egunen igarotzeari zentzu bat ematean datza. Loturen berreraikitze lan horretan, mundua ez da zerbait bukatua edo ahitua. Goizero bizitza bat daukagu berriz osatzeko, eta horretarako ez da behar ez subentziorik ez prentsa oharrik, bai ordea lagun giroa eta hainbat bizigarri, dela kafea ala tea, dela ardoa ala salda beroa, edota poema batzuk. Informal samarra bada ere, soneto batean Italiarako bidaia bat kabitzen da. Letren konbinatoriari esker, norberaren esperientzia izendatzeko manera berriak asmatzen ditugu, tradizioak eta berrikuntzak ekarritako doinuen bidez hedatzeko. Behar dugun guztia dugu hemen, eta soberan: Islandiaren kasuan frogatu den bezala, literaturaren eta musikaren babeslerik handienak euria, haizea eta elurra izan daitezke. Zailtasunak zailtasun, tximeletak eta eskafandrak irudikatu ditugu ospitalean edo kartzelan gaixo edota preso dagoenaren gogoa ulertzen saiatzeko. Eskeronak Mungiako udalari, A, B, C, H, J, M, W eta Z sonetoei 2016ko “Lauaxeta” olerki lehiaketaren bigarren saria emateagatik; baita Iñigo Astiz eta Angel Erro idazleei ere, irakurtzeagatik, eta Hernaniko literaturazaleon biltzar ttipiari, epilogoa airean idazteagatik. 2017-5-1 A Azkar uxatu zenuen ametsa baina sendatu egiten da zauria berriro lo egitean, handia baita bizitza berriaren funtsa; irailean ebaki nuen huntza adaxka errotu da nahiz eta urria izan hila eta urria euria: non zauria hantxe sustraia, antza; lasai lo egizu gaur, gazte, gauez hazten diren landareen moduan, amets horretan berriro sar zaitez hari bat bizitzaren brodatuan jostorratzak sartzen duen legez: zauria zabalduko den puntuan. B Berandu iritsi zaren hitzorduak, zure ezinbesteko perfekzio ezak, zure nagiak kentzeko perezak, zeharkatutako basamortuak, nekatu dituzun aireportuak, dokumentu, zerbitzu eta zerbezak, dantzak, mesfidantzak, mezuak, mezak, beste hainbesteko paper galduak... zure ondoan igarotzen dira ―kea eta errautsak atzean utzita― errepideetako autoak nola; ez galdu arreta, ez galdu ikusmira: bizitzarekin da hurrengo zita, bizitza soilik da zure eskola. C Curriculum: zientzia, literatura, intelektualki promiskuo naizela aitortzen dut. Maite ditut artea, museoak eta arkitektura, asmatu dugun hainbeste kultura anitzak dira baina bat direla sinesten dut. Idazteko tartea ez da pentsamenduaren malura; soneto hau kubikatzeko astia ez diot filosofiari kendu: poesiak badu bere egia, bizitza da bizi dugun guztia eta elkarren osagarri ditugu Nabokov eta entomologia. D Dantek irudikatu ahal zituen museoak? Hain dira nekagarri baina gozagarri ere bai: sarri kostatzen zaigu joateko behar den adorea biltzea eta egiten ez duguna egitea: iratzarri, goiz-goiz altxatu eta ilaran jarri gure burua purgatorio honen atarian: eta barruan hilak margolanetan ditugu begira (beste guztiak itxaron dezake) esanez: ederrak ginen bizitzak iraun bitartean; orain astia duzuenok, ikusi gaitzazue. E Ez dakit nola erran baina badaukat Walden-en etxola bat, aterpea etsipenaren aurka, non jendea ongietorria den. Eta harat joateko har dezakegun bide bat (ez bide bakarra baina nirea) errango dizut: zerbait idaztea orrialde batean eta hortik at jauzi egin barnean dugun lakura, bertan murgildu harik eta ura guztiz baretu arte. Ez dakit nola baina horrela lortu dut zirimola (odola bizkortzen duen alkohola) honekin bizi, maluraz malura. F Florentzia utzi dezagun lehenbailehen! Akatsa izan zen camping dendarena! Hau jendetza, uholde alaena! Bungalowa hartu behar genuen! Zarata, ez dugu lorik egiten, gurea da bidaiaren kondena. (Turista hutsa izan nahi ez duena erdipurdiko turista izan arren.) Baina bat-batean lainoen ordez gure buruen gainetik loria agertu zaigu mapari begira eta igandeko arratsalde batez Perugia bezain fina den hiria topatu eta hara egin dugu bira. G Goizaldeko izara horretatik iluntzeko izar honetara tantaz tanta aletuko zaizkizu goiza eta arratsaldea eta azkenean poemaren aurrean jarriko zara, kontu anitz gogoan; poemak ordea kontu bakarra du: hau, alegia, eta besterik ez; batasun horrek lagunduko dizu arnasa egiten, beste kontu batzuk ahazten eta begiak itxiko dituzu une batez poema ez duzu ikusiko baina erlauntzean erleak nola entzungo duzu bere lana egiten. H Horrenbeste koblakari! Inork ez ezinbesteko eta denok beharrezko. (Irigoien lagunari begira pentsatzen ari nintzen nire golkorako), egin genion Eako kaian omenaldi hori bi mila ta hamabostean. Geroztik maldan behera dihoaz zure antzera euskarazko nire hizkera eta etxeko erabilera. Biok ataka berean. I Ikasketak emandako nirvana: zure gradu amaierako lana klasikoaren eta barrokoaren arteko borrokaz (cello bat paren- tesien artean), master tesia eta doktoregoaren hesia... uda gau bateko ametsen distira zergatik ba? Arrazoiak lau dira: bat, baso sakoneko ibilera; bi, gure semea eta alaba; hiru, irakurketaren plazera; Donostiako Tabakaleran Taba izena duen gunearen antzera izatea ate bateko aldaba. J Juan Ramónek zera behar zuen, Prozac. Larkin? Pornografia bezain triste. Yeats? Ikaragarri. Eta Pessoak egin zuen bere buruaz beste. Jende poeta ez dira horrenbeste, azken finean pertsona arruntak direlako, prosazko izakiak, edozer gauza egin ahal dute onerako eta (maiz) txarrerako: gehienetan ez dutela merezi hezur haragitan topatuz gero ikasi dut eta hortaz nago pozik non eta hemen, Interneteko zulo honetan, gu biok elkartzeagatik. K Gaetano Gandolfi, 1775: Nozze di Cana (Bologna, Pinacoteca nazionale) Kanako ezteiak: musugorriak ikusita ulertzen da erdi hordi edo pixka bat moñas daudela Maria, Jose, baita Jesus ere zeinak manga batean baitirudi imintzio dramatiko horrekin esanez “emadazue ontzi bat ur, eta ardo bilakatuko dut” (ezteiek duten baikortasun hori, gaur ere gertatzen den miraria). Esperimentu biblikoa egin: kopa bat ardo edan eta ondoren miraria berriz egin dezagun, ur gasduna edan, xanpaina bailitzan. L Leonard Cohen erregeen aurrean ederki mintzo zen: sei akorde horiek Espainiako etorkin gazte batek nola irakatsi zizkion, etxean, Montrealeko aspaldi batean, bere buruaz beste egin baino lehen. Nire ikasleek hara joan nahi zuten eta hara iristen ziren heinean ez zuten Euskal Herrira itzuli nahi: horretan gauzak ez dira aldatu, ilunagoa da istorioa, bai; esan, nahiz eta musika ospatu: zergatik hil zen gazte gaixo hori? Erbestera beti joan behar dugu? M Muino okre horietan maitemindu zen (baita maitearindu ere) Leonardo eguzkiarekin: urrezko kakalardo bat zeruan behera eta gora igotzen eta gero gora eta behera jaisten edaten zuela baso bat ardo (bat bakarrik) eta ur asko Arno ibaia mantso zela igarotzen; txitxarrek denbora zerratzen zuten segundoetan eta kanpandorreek ordutan eguna aletzen zioten entzun ahal zuenari: jakin goseak pizten duen mina nahiago zuen Vinciko notarioaren semeak. N Nola ekaitza sargoriaren ostean helduen aroa heldu zaizula: sartuko zenuke heriotzaren pilula erosi beharrekoen zerrendan, hainbeste gauza egin beharrean! Ero ez zaitezen etzazu kalkula zenbat arnasaldi, zenbat eztula geratzen zaizkizun; gaurko egunean norbaitek maite zaitu (ez Norbaitek) edota norbaitek maite izan zaitu behintzat: nahikoa izan ohi du horrek arnas egin ta bizitzari lotu ahal izateko, ze beste batek zure arreta behar izango baitu. O Oporrak gustuko ditut, neurrian, amaiera bat direlako eta aldi berean hasiera, reset-a, horregatik ez ditut nahi urrian ezta azaroan ere: abenduan, eguna ahitua dagoelarik, sekula ez altxatzeko ohetik gogoa dudanean, merkatuan heriotza baino ez dagoela. Honela amaitu nahi dut soneto sukar hau, urteak emandakoa, 14 asmatzeko kiniela, Beckett-ek esan ziguna: hobeto huts egiteko nire metodoa. P Portusoloko zina hartu nuen eta Eako hondartzan bainua (poema ez da jendetzaren kontua jendearentzat egina den arren); noski, Ea gabetsiko dut aurten baina hala da askotan patua: itsaso barea bezain malgua nahiz eta harrizkoa ere baden; iraupenaren eta gogoaren lekuko gogorra eta gogokoa, paisaia ere halakoxea da: egiten dugunaren, gaituenaren eta posiblearen eremua, aurrean dagoen antzinakoa. Q Quid pro quo da birziklatzearena, zakarrontziak bete zaizkit jada; nire maiteak esan ez zidana, ontzi urdinera. Gure zabor dena nonbaitera joan behar: bada kondena ontzi horira, barkamena bada ontzi berdera. Melankolia da (beste izen batekin, itxaropena) nire etsipenaren errefusa, zamaren eta doluaren lana (eskobatzen ikasi behar dudana), goseari emandako edana, poeten zein musikarien musa, atzoko mahatsa, gaurko intsusa. R Rapsoda baten gatibu nago hemen: soneto hau bukatzeko lilura (bai, beste soneto bat, nola ura biharamunean bilatu behar den) Homerok azalduta: itsasnesken kantuak entzun nahi eta tristura saihestu nahi zuen Ulises hura mastari lotu behar izan zioten, berak hala aginduta: truko bera ikasi beharko dut edo bestela ikusiko da nire gainbehera nola datorren gauetik goizera (izan baininteke horren ergela) eta hori ez da agurtzeko era. S H. E. in memoriam Sautrela bezain aldakor, problemaz eta kezkaz beteta nagoela dio nire buruak gaua dela baina egunsentian, egun argiaz salto egiten dut. Bizitzak bizitza zainduko duela, dio bihotzak, nahiz eta batzuetan ere hortzak azaltzen ditu: gorrituta hitza, sega inguruan dabil bueltaka. Horixe gure patua. Bidaian ez duzu zertan dena errimatu, lagun: dugun denbora profitatu Hernanin, Hendaian, xoraturikan egunero egin dezagun korrika. T Toskanako arratsalde perfektua; Venezia labirinto bihurturik; Elban etsita erreserba barik; Pisan ez dagoen dorre okertua (zer da bidaia oro? ispilua non bidaiaria bere islarik argiena bilakatu nahirik saiatzen da osatzen zirkulua); graffiti anitz (edertasun hori paretan) Arezzoko arkupetan eta buztinezko ontziz ontzi; Leonardo da Vinci praka motzetan; prostitutak Bolognako bidean; onena eta txarrena egun berean. U Urnietako Antonio gaixo dago baina aldiro etxeko belardia Oñatikoa den bere suhia Mikelek segarekin mozten dio; aitaren etxea nonahi badago, baratza izan ala lorategia ez zait inporta. Ez bada egia gureak ez du hortaz iraungo. Baina tira, edonola ere, nahiz eta desbrozadorarekin saio desastre bat gaur egin dudan, berriz, inork ez daki zergatik den jaio: lurraren ile-apaintzaile ibili naiz une batez zure antzera, tocayo. V Viking guztiek dakite esaera: matur er manns gaman, esaten dute Islandian: janaria dela, ote, gizakiaren berezko plazera, lehena eta azkena da bera, eta eskarmentuz jakin badakite: marrazo ustela jango lukete muturrekoa balitz egoera, baina ez da gaur egungo kasua; beraz, ez dezagun baraurik egin iritsi ez bada gure azken ordua, iparra ez dugu galdu ez irabazi, oraindik ez da bukatu jokua. Beti geratuko zaigu Reykjavík. W Whatsapp ez da zure laguna eta Facebook ez da zure koadrila eta Twitter ez da zure lankide eta Gmail ez da zure etxeko estafeta; hori guztia erabiltzen duzu, hori guztiak erabiltzen zaitu harik eta zu mamu bilakatu Lope de Agirreren gorpuren modu berean zatituta gelditu arte: txatak, txioak, e-postak eta abar guztion ikusgai baina hala ere zu zara zure eskutan dagoena ikusezin, hegazkor eta bare: gainontzekoa isiltzen da eta. X Xoriekin mintzo zenaren bozak zenbat newton unitate du indar?, eta Mursegoren txeloak negar egiten badu, zer dio bihotzak? Zenbat neurtzen du amildegiak Anariren tremolo baten ertzean?, edo Iparraldeko neska entzutean zer balio digu melankoliak? Agian literatura ez dira eta ez dute Nobelik eskuratzen (bide batez zorionak, Bob Dylan) baina nago direla poesia eta beste egun bat bizirik irauten laguntzen dutela: horixe saria. Y Your relaxed mind is a creative mind, bai, hori dio zure yogi tea poltsak eta mahaian gure bi kikarak egotekotan, ados eta lasai; zer da ba Sarrionandiak esana? Goizean ohetik jaikitzean ezti tanta gozo bat ezpainetan, dohainekoa eta unibertsala, denok badaukagula sentitzea, hizkuntzak dena bustitzen baitigu zentzumenetan jarriz zaporea; hori hala da, jakina, baina, aizu ―gogo lasaia, gogo sortzailea―, baldin eta gogoz hartzen badugu. Z Zu solstizioko ilbetea zara eta gainezka egin duen tanta, astoak ezin eraman duena mingainaren puntaren puntan datza: izena eta ezina eta egina, imana eta himena eta izana, ekina eta osina eta hosanna eta berriro ere egin ezina; uda gau bateko ametsa izan da ―ekainak hogeita bat dituela― ohean galdu nuen bertsolerroa, epeltasun hau airean: amodioa bizitzeko irrikaz landare umela, eta nor naizen ni? Ni naiz astoa. E S A R I N T U L O M D P C F B V H G J Q Z Y X K W Estutasuna edo bizi-larritasuna sentitzen duzunean Eskafandraren barruan zure burua Eta garrasi egiteko gogoz, honekin oroit zaitez: E S A R I N T U L O M D P C F B V H G Jean-Dominique Baubyren bizitza berria E S A R I N T U L O M D P C F B V Hasi zen 1995eko abenduaren 8an E S A R I N T U L O M D P C F Berrogeita hiru urte zituela E S A R I N T U L O M D P C F B V H Garun isuri batengatik koman E S A R I N T U L O M D P C F B V H Geratu eta esnatutakoan E S A R I N T U L O M D P C F B V H Gatibutza sindromea pairatu: E S A R I N T U L O M D P C F B V H Guztiz kontziente izan arren E S A R I N T U L O M D P C F B V H Gorputz osoa paralizaturik zuen E S A R I N T U L O M D P C F Bakarrik begi bat klika zezakeela E S A R I N T U L O M D P C F B V Hondoa jo zuen E S A R I N T U L O M D P C F Baina ikusi zuen, ikasi zuen E S A R I N T U L O M D P C F B V H G J Q Z Y X Komunikazio sistema berri bat E S A R I N T U L O M D P C F Baubyk esaldi bat bere artean pentsatu Eta begia klikatuz hautatzen zuen erabili nahi zuen letra E S A R I N T U Laguntzaileak alfabetoa ahoskatzen zuela E S A R I N T U L O M D P C F B V H Gehien erabilitatik gutxien erabilitara E S A R I N T U Letraz letra esaldia osatu arte E S A R I N T U L O M D P C F B V Horrela 136 orrialdeko liburu bat idatzi zuen E S A R I N T U L O M D P C F Bere hautu, arazo eta prozesu guztiekin E S A R I N T U L Ondo doitu arte E S A R I N T U L O M D P C F Biografia bakoitzean E S A R I N T U L O M D P C F Badago munduarekiko egokitzapen bat Etengabeko elkarrizketa bat.
booktegi.eus http://www.susa-literatura.eus/ Arrakalak GOTZON BARANDIARAN Hau liburutxu hau gure aite zanari eta gure ama danari eskaini gure dotsiet, Pedro Luis Barandiaran eta Begoña Arteagari. HORMETAN GORA IBARRAK Arrakala hau pasabide jaioberria da, haserretu diren belaunak, mutuaren ezpainak, erreka mapan behera. Arrakala hau kartzelen hormetakoa da, 36koak orbandu ez didana, erdibatu ezinezkoa, hankabakarraren lasterketa. Arrakala hau amaitu bako aitorpena da, txaloka bizi den igogailua, barreka dabizen betileak, suak hartutako itxarongela. Arrakala hau zure bihotzeko postontzia da. BEHAR EZ DENEAN Ematen ditut lekzioak dakidanaz eta ez dakidanaz, ezki-hostoen buruhiltzeaz zein sahatsaren ilargi beteetako negarguraz. Esan hitz bat eta esango ditut bi, behar ez denean mintzatuko naiz ordura arte inor ez bezala, isiluneei berariaz hartuko diet aurrea, zalantzei gailenduko natzaie inoren gustuko ez diren erabakiak hartuz. Entzungo didan norbait behar dut. CAFÉ DE FRANCE Sarrera antzoki batekoa du edo Krakoviako ijito zebagaitzak etorkizuna igartzeko duen logelakoa. Kristalak galdeketa-gela batekoak ditu eta bestaldean kafea eskatu dutenek orduak egingo dituzte entzunbako izenak aitortzen. Atzamarrekin mahaian saltoka dabilena eguen arrastietako pianojolea da. Edith Piafek kantatu zion negarmina errepikatzen du. Erori ez den txanpona hartzera makurtu dena urteetan garbitu dituen zapaten entzuteaz harro da gonape bati begira soleitzen den bitartean. Berpiztu berritan elkar agurtu dute Jean Pierre Bordazarrek eta Jon Mirandek, eta sorterria eskatu dute, naturala, samako minik ematen ez duena. EGURREZKO TRENA Peruri Trenik hartu behar badut izan dadila egurrezkoa. Izan dezala aurrean soka laburra eta koloreak, bidazti bakoitzeko bat, adibidez gorria, adibidez berdea, adibidez horia, adibidez morea. Agurtu ditzala lurrunak estazioak, igo daitezela elefante tronpa luzeak leihoak zabaldu eta abisua eman dezaten bagoazela alfonbraren ortzimugarantz, irrist egiten duen itsasoa hasten den lekurantz. Trenik hartu behar badut izan dadila egurrezkoa. Jakin dezala makinistak non galdu duen ilargiak irria, kanta dezala hartzak Itziarren semea mututu zenekoa, dantza dezatela pailazoek lehenengo hanka bat gero bestea, luza dadila arratsaldea itsas-zaldi, dortoka eta olagarroek bainontzia hoztu arte. Trenik hartu behar badut izan dadila zulakoa. AZKEN MANIFA 1 Zerbait esateko bildu ginen jeneralaren izen bereko plazan. Poliziek akademiako lehen ikasgaia azaltzeari ekin zioten adeitasunez. Batzuei burdinez uztartu zizkieten eskuak, besteei gomazko akuiluekin erakutsi zieten bidea eta gehienak porlanezko estratetan kukutu ginen banketxeetako sator-zuloetan gorderik banaka-banaka, benetan zer irabazi behar genuen jakin barik edo galtzeko borrokatzeak ere merezi zuela sinetsi guran. Zazpi zeritzon portalean nengoela heldu zen, sartzen utzi nion errime esan ziezadan: Eman muxu dardaran, ferekaidazu ikara, maita nazazu ongi-etorri honen gainean, azken manifa badugu hau, irabaz dezagun larruak ematen diguna, irabaz dezagun geurea. AZKEN MANIFA 2 Beste hesi batera igo eta poliziei zein bertan bildutakoei Hego Korean hazitako berbok esan zizkien: Munduko Merkataritza Erakundeak laborariak hiltzen ditu. Ondoren labana sartu zuen bularraren erdian, munduak jakin zezan beti esango zuela egia. EGUN BATEKO ZORIONA Goizak alua ematen du, konturatu orduko bedatsea leiho arteko ostargia iturri xahuen edagalea kurloien eleketa hego haizeaz. Arratsak belartza dirudi, oroibelarren igurtziak belarrietan oin biluziak atzamarretan esku matxinbratuak garondoan belaunetaraino larrugorritzen den iluntzea. Gauak afaria ematen du, disko zaharretan ahaztutako kantak lagunekin dantzan goizargitzen portaleetan besarkatzen diren itzalak oherako agurrak arnasestuetan. Pozak ezkila dirudi, inozo deslaien antzera irririk ez behartzea barkamenik ez eskatzea ezeren jabe ez izan nahia. HELBURUA Gizaki ororen helburua jakituria dela entzun diot gizon bati telebistan. Aipatu ditu filosofoak, batzuk grekoak beste asko aristokratagoak. Aipatu ditu idazleak, batzuk portugesak beste asko salduagoak. Aipatu ditu iraultzaileak, batzuk sozialistak beste asko amnesikoagoak. Aipatu ditu kritikariak, batzuk irakasleak beste asko zikiratuagoak. Une batez, atzamarra eta betaurrekoak goratzeko erari erreparatu eta, bere buruaz ari zela begitandu zait. SUIZIDA Suizida zazpigarren aldiz zubiaren gainean hil aurreko hitz gogoangarriak asmatu ezinean. Bat-batean zubiak errepideari keinu egin eta suizida bota dio esanez: hegan ala hil. MUNDUA EZ DA NAHIKOA Sartu eta erantzi ondamua. Sekretua esaten diozu edozeri. Beti zabiz trenez, bidaiez, loreez, ilargiaz, izarrez, lainoez, erlojuez, denboraz. Sarritan esaten duzu ez duzula artilezko ilerik laztantzeko, ez duzula irakurtzea merezi duen ezer idazten. Neu ere bakarrik hartzen nau goizak gehienetan, taberna zulo honetara biltzen garenoi legez. Arrakalak ditugu zainen ordez, gezurrak esan eta tristura eztitzen diogu elkarri. Arnasa hartzeko modu sinetsezina dugu, sukar iraunkorra, ispiluekin batera hautsitako banidadea. Badakizu, gure minak ez du urrearen baliorik baina horrek ez digu gustura horditzea eragozten. Hara, zu sartu aurretik gizon bat joan da pozarren maleta batean bala gehien gorde dituena dela ospatuz, sariarekin loreak eta izenak erosiko ei ditu hilarriek goserik izan ez dezaten. Bihotzak betiko utzi duela pentsatu dut, mundua ez dela nahikoa behar dugun maitasunerako. PROMESAK Arrazoi duzu, aspaldian ez dizut deitu. Denbora iragan da maite ez gaituztenez berba egin genuenetik. Pentsatuko duzu jada ez naizela oroitzen goizalbarainoko hordialdiez, askoz hobea izateko ahaleginak amore eman zidala behinola, nahiago dudala eduki ez nuena ahaztu, izan ez nintzena ahaztu. Arrazoi duzu, ez betetzeko promesak egin nizkizun. Baina zuri ere begiak erori zaizkizu atze-oihalaren bestaldera, zu ere bakarrik zaude eta ez zara gose eta ez dituzu aladurak gazuretan beratu nahi eta ez duzu denbora ezkaratzen antzera bizi nahi. Esadazu ez duzula bideratutako sentipenen geroa hobetsi, esadazu zuri ere behazuna darizula ustelberen ospakizunetan. Zatoz, kontaidazu berriz jentilak izan gineneko hura, bete gezurrak neurriz esateko hitza. HOGEI URTE Faltan ditut hogei urte, neurririk ez duten ordekak, soilik biluzik egin daitezkeen harrabotsak, itzuliko diren desagertuak, laztanen anpolai begiak. Faltan ditut presarik ez duten izarlokak, ausikien aurkako mantarrak, egun aratzen arnasa, goizeko eguzkia izara zurietan, oharkabean bizitzeko askatasuna. BIDE HORI Begituizu bide hori suge-landareen antzera bere amaieragaz zer egin ez dakien hori. Begituizu estrata iturrian utzi eta otaloreak agurtzen, malden konkorrak laztantzeaz batera sekula-belarren ezina arintzen. Begituizu sasi-masusten hankapean olgetan, gaztainondoei kilikilika, hostoei sehaska kantuan txistuka dabilen haize gozoarekin. Galdeiozu iparrorratzik daroan aldean gandua esnatzen ez denerako. Galdeiozu ogi apurrik gorde duen katekorratzek min ematen diotenerako. Galdeiozu lagunik gura duen alboan, akaso, zeu zoazen lekura doa. BETOKERROKAZ IKUSTEN DITUT IRAGARKIA Agian norbaitek izango du gau txiki eta estu bat bakarrik egoteko ilargirik gabe izarrik gabe sehaska kantarik gabe lagunik onartzen ez duen ohatze batean BI EMAKUME HARAGO Bazterkaletik bi emakume harago, kantari baltzarana eta soinujole errumaniarra gurutzatzen diren kantoipean, begiek ikusi nahi ez dituzten haurrak, zazpi solairuko alargunak —labankadez jaiotzen diren horietakoak—, zimurrak alkandoretan, hotza afarietan eta putatzar halakoa zenbat aldiz esan behar dinat! bizi dira. Bisitan joaten direnek argazkiak egiten dizkiete, esan barik bazkalostean erakusteko direla koilara erdi azukrek eta sasoiz kanpo bidaiatzeak dituen onurei buruzko gogoetekin batera. Bazterkaletik bi emakume harago etxez aldatzeko kamioi hotsa dago. ITZALITAKO ARGI BAKOITZEKO Berandu heldu zen senarra ohera. Loak hartu zuen hordi eta guzti. Eskuen gainean itzarturik, ausartu egin zen anderea. Esan zion gazteegi hil zitzaiola maitasuna, laztan ezak arroztu ziola ezkonaurreko bihotza, damorriak umeltzen zuela euri egunetan, barauez asetzen ikasi zuela, debeiatu zela luzeegi bizitzeaz egunak goizetan zahartzen zitzaizkionetik. Esan zion ezetz, ahanztura azkar hedatzen ari zen gaitza zela zapiek aurkako ahaleginak egiten bazituzten ere. Esan zion ezetz, çez zuela gehiago bere emakumea izan nahi eraztunari sinesgaitz egingo bazitzaion ere. Esan zion ezetz eta balizak jantzi zituen oinetan, soineko gorria beldurretan, zulatu zuen ihes-txartela eta birak eman zizkion munduari, jipoitutako promesa bakoitzeko bat, mesanotxean itzalitako argi bakoitzeko bat. TIRANOAREN LARRAZKENA Gizona baino agindua zena dator kalean behera. Herritik kanpo urteak eman dituztenek ez lukete ezagutuko, baina berori da. Oinez hasten denero galdu egiten da, urteak lorik hartzen ez duela urteak lazturak balakatzen duela. Behinola azorriak izandako besoak makulu ezinduak baino ez dira. Orduko errietak izozmendi etsituak dira orain, ereinotzaren loriapean zimeldutako handiusteak. Enperadorearen malenkoniak hausterrea pilatzen du zedarrietan, neskameek ateak giltzatzen dizkiote erdeinuak oka egin diezaion. Orbelaren iraultzak marmolezko idulkia garaituko du. Jada ez dauka zutoihalik, adabuak eta trapu zaharrak besterik. Gorrotoaren mirabe dator tiranoaren larrazkena. Galdu egin du eta horixe da guk irabazi duguna. ESKOLAN Besterik ezean jakin nahi dut zelan isildu aitez harrotzen diren seme-alabak non dagoen igande arratsetarako saihesbidea zer eman bizitza eskatzen dutenei nork hustu dizkigun ganbarak zergatik aldatu zuen zure kaleak izena noiz berrerabiliko ditugun hilkutxak POSTARIA Gure herriko postariak ez daki irakurtzen. Aitari ikasi zion etxeei usaina hartzen, gutunetako letrak ate eta ahoekin berdintzen. Kaletik doala solasean ari direnei erreparatzen die, ezpainen gimnasiari, bekainen zalantzei, eskuen erotasunari. Hartara jakiten du zein gutunek hitz egiten duten maitasunaz, zein helbidetara doazen galderak, zein fakturak itolarritzen duten etorkizuna. Gutunik ez dagoen egunetan zigiluak itsasten ditu bekokien goiko ertzetan. ISILDUTAKOAREN ORDAINA Kale kantoian batu dira gudaren batean mezulari izan zirenak. Azken mandatuaren zain daudela diote, baina sasoi hobeak goratzeko bildu direla ematen du. Besarkadetan falta direnak gogoratu dituzte lehenik eta alegiazko balentriez hasi dira gero, zaldi gaineko haiez. Errusiako enperadoreari gutun puta bat ematearren bizitza eta ohorea nahastu zituenaren antzekoak dira, nahiz eta ondo dakiten ospea memoriaren apeta baino ez dela. Sekretuak inork baino hobeto kontatu dituzte, gabardinetako poltsikoetan ezkutatu dira morteroetatik, ezelango hiztegik ulertu ezinezko pasahitzetan lubakitu dira. Zortzietan, afaritarako kanpai hotsak jotzearekin batera, zin egin dute bihar ere azpilanetan jarraituko dutela, ez direla hiletetako sermoilariez fidatuko. Isildutako guztiaren ordainez egin ziren mezulari. AKTOREA Inoiz beharra sentitzen dut protagonistei oker daudela oihukatzeko ederra izateak ez duela deus ziurtatzen simulatzeko larrua ez den beste edozer jotzeko antzeztea politika dela diotenak urkatzeko kadirei isiltasuna eskatzeko Aktorea naiz baina ekintzailea izateko prest nago PANPINEN IRAGANA Musika, ardoa eta zotinez itzaltzen diren argiak. Oroimenaren aleak sobornatzen dituzten aduaneroak sartzen zaizkio leihoetatik. Jada ez du zerikusirik hezetasunak arrakalaturiko argazkiekin. Ortozik zapaltzen ditu egunak hotsandiek berriz antzeman ez dezaten, ez du inork ezagutzerik gura, nahikoa panpindu zuten elkarrizketetan. Hala ere eldarniotan berregiten du sormenarekiko emamintza, emanaldi bikoitza asteburuetan eta erdia astegunetan: «Jaun-andreok, hartu nork bere lekua! Gonbidatuak berandu datoz baina iraultza hastera doa! Badatoz ero, eri eta maitasun gabeak! Badatoz hebain, margolari itsu eta biolinjole besamotzak! Badatoz andere jipoitu, ogi ebasle eta bankuetako zordunak! Badatoz eguzkirik gabeko egunak eta etxerik gabeko herriak!» Eromenaren aurreikuspena zaila da ordaintzen eskura edo mailegutan iragana bizitzaren narrioa denean. Panpinek ez dute atsorik besarkatu beharrik loak hartzeko. PRAKETATIK BELAUNAK Zoriontsua izan zen praketatik belaunak erortzen zitzaizkion sasoian. Orduan erraza egiten zitzaion bizitzea: zuhaitzen adar, gerezien esku, bazkalordurako berpizten ziren proskritoak, beldurrarekin bakarrizketak, zubiak hankazpietan... Munduari bira ematen zion ekaitz egunetan, mugazainak aizunduz baserriratzen zituen galtzaileak, aita ezezagunen semeak, kurrilo iheslariak eta borroka itzelen laburdurak. Poza ez zion ezerk akabatu ez bada ustezko maitearen eztenak. Harena izango da zaurion zilbor-hestea. ERRUKIARI IHES Egunkaria erostetik nentorrela ikusi dut. Urteak izango dira gogoz kontra eraman zutenetik. Bere borobiletan darrai eta horrek poztu egin nau. Bereak ditu sorbalda zalantzakorregiak, kikiltzen ez diren begiradak, bakarrizketa ozenak zeruari so. Gaur lako itxuratien egunetan marrazten ditu borobilok, agur bakoitzeko bana. Zeharkaezin diren borobilak dira ez bada kanposantuetako hizkera dakitenentzat. Olgeta disekatuen mintzaera da, benazko herrenen mendekua ulertzeko ahaleginik egiten ez duen jendearentzat. Agurtu egin nau eta goizero legez galdetu noiz lagunduko diodan ihes egiten errukien arkupeetatik ostertzerantz, urkietan gora beti, ikasi gura ez duen mundutik, noiz arte gotortuko diren zoriontsuak lubakietan. ZAPATAK LEKUZ ALDATU hori bai izan ziren, diren eta izango direnei Adinak arnasa hartzen duela murmuriatzen dute karta-jokoa auzokoen espioitzarako darabiltenek. Kexu dira ez ditudalako arauak buruz ikasten. Ezen agureek guda aurreko elizbarrutietan ebatzitako ordenak baitituzte bizigai, ezen gazteok guda oste honek egin baikaitu dena eskura izatearen galtzaile. Jaio eta zahartu, dena bat. Gaitz endemikoa dela esango luke gure gaztetxeko zirujauak, dagoena dagoenean betikotzearen malura, diskurtsoaren apoplejia kronikoa. Egunen batean ugertuko ditut niri buruz esandako gezur beltzak, arrakalatu egingo dut ezkilekiko duten irrika, itaunduko diet zenbatgarren bizitzan utziko diogun etsai izateari, noiz arte izango dioten izua zapatak lekuz aldatzeari. Oraingoz, ohartxoa utziko diet burukoaren azpian: ken itzazue zapatak, etzan zaitezte ortozik poliziek okerrekorik eroan ez dezaten. KALE-GARBITZAILEA Gauez gosaltzen du bezperako egunkariekin solasean. Hotzetik, erdeinutik eta handiustetik babesteko lohiartzekoa jantzi eta kalera doa beharra esaten diotena egitera. Sakonera bako gurdia hartu eta erratza astindu, pozik dabil hiriari aurpegia garbitzen, pozik katamaloei lokarriak mozten. Pausaldietan harri landuz zorrozten ditu maitale urduriek bihotzetan trebaturiko geziak. Iraultzaren aldeko ekintza lez odol gorriko lumak elkartzen ditu geltokietako afixen esanak zuzen ditzaten. Irabazleen ohorea hebaindu guran hari ikusezinak lotzen ditu etxeorratzen belarrietan pailazo itsuak zein zakur bakartiak gorbatadun bulegoez trufa daitezen. Lantzean behin ileordeak kausitzen ditu eta, anonimoak izatera, Juliet lako izenak asmatzen dizkie. Gaua itzartzerako pozik dabil hiriaren aurpegia emakume izateaz nazkatuta dauden ezpainetakoekin margotzen, pozik dabil. SOLDATAPEKO DIOSALAK Jaxinto Barandiarani Gudari zahar batek esku mutilduaren bi atzamarrekin zabaldu du oroitzapenen zirrikitua. Bere kautan soldatapeko diosalez mintzo da: «Agur egitea, karramarroen antzera, atzerantz bizitzea izan liteke, inoiz inora ez heltzea, amaierak hasieretan kausitzea. Baina zuontzat oroimenaren galbahetik amnesia gordetzea da. Historia eta hiztegi ortopedikoak saltzen dizkiguzue atez ate, katez kate. Ezetzak argizaritu dizkiguzue belarrietan, badakigu gure hizkuntza komisaldegietako tortura geletako atariko froga duzuena. Buruz behera negar egiten ohitu gaituzue, eta horrenbestez idatziozue epilogoa zuen lotsari». ESPALOIAK Amodioa, iraultza, kontu korronteak, irabazle perfektuak hartzen ditugu eredu. Ostera, nik ezagutzen dut non jaio zen ez dakien eta aldian-aldian zorabiatu egiten den borobila. Gure auzoko laukiaren aldeak maitaleak dira aspalditik baina denok dakigu ez dutela egundo elkar laztandu. Goiz batez plaza erdian agertu zen hirukiaren goiko erpinak negar egiten du astean bitan bakarrik sentitzen delako eta bertigoak loa galarazten diolako. Izan ere, zertarako egin genituen espaloiak ez bada herrenentzat? NEUGANA DATOZ ESKUAK ETA HARRIAK Eskuak haurrik ez duten bularretatik Eskuak ez dira urruntzen aginduetatik Ezpainek indar dagite ezetzerantz Ezpainak orratzei musuka atzerantz Euria uholdeaz erditu ezinik Euria harriak samurtu gurarik Sorlekua mutiri ukatu Sorlekua labarretan amildu Zerua gizonen otoitz ukatuentzat Zerua gorputzen neurriko begiontzat Aingeru beltzak hegaldatu zitzaizkion sabelpean Aingeru beltzak heriotzaren jakinean Hormari bizkarra ematen dio Aminak Hormari aurrea hartzen dio Safiyak Harriabarrek ubeldu diote maitasuna Harribilek mailatu askatasuna EGUNKARI BAT ATRILDU ZAIGU BESOETAN Ikusi nuen azkenengoetan erraietan gordetako altxorren zamari zebilen. Esnatzearen atalasean oraindik ezpainak estutu eta begiak itxi arren atzamarretatik ihes egiten zion urmaeleko haurtzaroa oratu guran. Halako ametsak etetea bizitza erdia elkarrekin igaro ostean banatzen diren maitaleen desilusioa izan liteke, atzera ezin eginaren uste osoa. Baina zer jakin lezake ausentzietan hazitakoak bizitza erdia inorekin konpartitzeaz ez bada bere bakardadeaz? Hiztegi bat behar dut ene ezjakintasunari erakusteko, orrialde zuriak zabaldu eta testigantzen definizioak apailatzeko. Kaleak biraoka ibiltzen dituzten berba-hiltzaileekin ikusi nuen urruntzen kantu ederren eskean, urrezko ardilarrua jantzi ezinik eta emagaldu itsu eta ezpatariaren balantzetatik zintzilik. Etorkizunaz iragana denean kezkatu gara, paperezko amets bihurtu zaizkigu egunak erreka izandako bidazti edadetuak, ostatu bat hitzen herrian, ahots hilak elkarren lotsa. Beste guztia dioten hitzak izan daitezela ura lakoa, zabal ditzatela arrakalak ibarrak sortzeko, xurga ditzala gure lurrak. Ibilian hiltzen ikasi behar dugu, eta berandutuz gero ez larritu; hitzei begietara begiratzea baino ez dago zintzoak diren jakiteko. Orri baten azalean zizelatu zigun mezua, bihotza bahitzea gura zuela eta ez zegoela erreskatea ordaintzeko prest. Eta guri egunkari bat atrildu zitzaigun besoetan. EZ DEN LURRALDEAN Carusok atzekoz aurrera ematen ditu filmak edo eskumatik ezkerrera edo goitik behera. Aktoreek amaieratik hasten dituzte elkarrizketak, berpiztu eta desagertu egiten dira, euria hodeietara itzultzen da kea zigarrokinetara legez. Zinema kritikaria dislexikoa bezain herrena da. Bere laburmetraiak oso aproposak dira olatuen gainean ikusteko. Antonio Tardiniren lehen teoriak fisika modernoa, etxekoandreen egunerokoa eta jostailugintza irauliko ditu, erlatiboa da dena. Bigarren teoriak ahuntzek espazioan lor dezaketen gehiegizko abiadura du oinarri, sexua da dena. Hirugarrenaren truke estatu kolpea, elektrodoak eta herritarren arbuioa jaso ditu, berdinak gara denak. Bada taxi gidaria izateari utzi, albistegietako aurkezle ospetsu egin eta arrats gorrietako isiltasuna bere izena bezainbat maite duen anderea, Soledad. Borrokatzeko nagi den boxeolariak Maria maite du, eta honek, saiatu arren, ezin du pianoa atzamarrik gabe jo. Edgar Wesley trenak ekarri du txaloak jaso eta frantsesez hitz egitera. Poeta izan asmo duenak urtean behin errezitatzen ditu txakurra ur eske etorri zitzaionekoak. Gaitzik larriena euriaren pisua da haizeak zer daroan ez dakitenen lurraldean, bizitzea beste derrigorrik ez dagoen lurraldean. KALKILIAN BADA NESKATILA BAT Ez dut urrunegi joan beharrik amets egiteko. Nahikoa ditut aldiriko trena eta itsasoen labarretan jolasten diren bide herdoilduak. Ezagutzen ditudan hirien izenak ezagutzen ez ditudanenak bezain politak dira. Ametsotan amaiera bako ordeketan arnasestutzen naiz, olibondoek deserritik itzultzean hegazkinak ahoratzen dizkidate koilaretan, telebistan lekutako gerren irudiak daude judu alderraiak ez baitu lurrik aurkitu. Ez dut urrunegi joan beharrik amets egiteko, baina joan nahi nuke eta ikusi: Fusilak iruntzietara dioen bide seinalea, harria eta hesia betiko banatzen, soldaduak madamengandik itzuri, hamabi urteko neba amaren altzoan, zein izen izango duen biharko euriak eta mundu osoko telegrametan Kalkiliak ez du Berlinen beharrik. Stop. SAKATU Bahituran dagoen gizonak bizi nahi duela errepikatzen du sakatu Ekonomiaren nazionalistak beste hogeita bost urtez aberastuko dira sakatu Cardiffeko uso gris eta beltz batek Picasso eta Moneten lanak bereizten daki baita Matissen margoek Picassorenen antza dutela ere sakatu Gasteizko Florida parkeko uso zuriek ez dakite eskutik jaten besterik sakatu Ostarteek oporrak luzatuko dituzte kantariak neguaren oldarpean isil ez daitezen sakatu Gazako haurren biziraupena hamahiru urtera igotzea deliberatu dute sakatu Kolonoek lurra jaten dute harresiaren ortzimugaraino sakatu Dinosauroek aditz forma irregularrak zerabiltzaten kromletxen erabilgarritasunaz teorizatzeko sakatu Euskaldunek ez dute nor diren azaldu beharrik itzali ZARRATZEKOAK ZURE OINETARA Pozik etzango naiz zure oinetara, ezer esan orduko igarriko dizut haserrea eta neuregain hartuko ditut errua zein egoismoa. Burukomina arinduko dizuten igurtziak ikasiko ditut, lepoa jokatuko dut aitzakia bakoitzean, labur iritziko diet kanpoan emandako asteei, esperoan egongo natzaizu, begi bat itzarturik egingo dut lo. Dei egidazu itzultzen zarenean. HI GABE Itziarri Berriztutako ametsak galdutako esperantzak erraietatik ateratako etsipenaren arantzak Esadan zer naizen hi gabe hirekin naizena ote? Emaidan muxu suabe amodiotan nerabe ezti gozoen altzoetan desio grinen herabe Egonen gaitun betiko iluntze gorrien begiko maite laztanez emeki geurea dena biziko Maite haut itsuan kopla kanta amultsuan ezinak egina maite duen amaiezin bertsuan OIN-PUNTETAN Oin-puntetan kandelak isiotzen dituzten emakumeak ditut atsegin, axolagabe ikusten diren bernak, urratu bat atzamarrez bustia. Oin-puntetan kandelak isiotzen dituzten emakumeak ditut atsegin, berbarako aitzakien bila makurtzen direnak, ileetan musua eta bertan irria gordetzen dutenak. Oin-puntetan kandelak isiotzen dituzten emakumeak ditut atsegin, maiatzetik hona bila dabiltzanak, askatasunaren enparantzak baizen gehiago direnak. Oin-puntetan kandelak isiotzen dituzten emakumeak ditut atsegin, belarrietako lo-kantetan daudenak, altzoetan oroipoza diren amamak. Oin-puntetan erretzen diren emakumeak dituzte atsegin, urak mudatzen ez dituen hazpegiak, maitasunaren lander direnak. HAGIN BARIK DEIKA Gaur beltzaran esnatu naiz; azala, armozua, azaroa dena da beltza. Adatsik ez dago nire masailean, irratiak hizkera arrotzez ernegatzen nau, bakardadea ari zait hagin barik deika, zure gogoa urruti abiatu da, ez nauzu betiko maite, lausotu dira epeletan esanak, ezpainak alokairuan dituzu, ez dago erraz zer egin ebaztea, jada ez gara zu eta ni. Zer dela eta derrigorrez bizi behar hau? Erruak zuritzeko elurra behar dut. BALSIK BALEGO GURETZAT Esperoan eman dudan denboraren ordaina sabeleko kilima hauek dira, moropilok iruntzikeran. Itxarondamua aztarrika ari zait, ez dut beste inon bilatu beharrik. Aska ditzadan agurrak oin azpietatik, datorrela ausardia berritsu. Azken hondarra abantzu hila da, bestela, naizenik jakiteke joango da, esan egin behar diot: Erdu, utzidazu zure ile artean ostentzen, besoarekin beteko dizut gerria. Erdu, jarri begiak zirrikituan, esadazu ikusten duzuna nahikoa ote den. ASUNAK ZURE BEGIAK Azkura baretzeko araoa kausitu ezinik nabil. Igoko nituzke huntza balira baina asunak dira zure begiak. Porlanez estali ditut xangrinaren kondarrak. Dardararaziko nituzke sokak balira baina asunak dira zure begiak. Mihisean aienatu da zure etxerako bidea. Igurtziko nituzke bernak balira baina asunak dira zure begiak. Ipurtargiak itzuliko dira kakalardoena zen estratara. Estutuko nituzke uberak balira baina asunak dira zure begiak. BIDAZTIA Ez dago mesanotxerik ohearen zure ertzean, oihartzun bakoa da zure atzamarren tinbre hotsa. Ez duzu zapaten zantzorik atariko lanpasean, hanka puntetan alde egiten digu maitasun gauetako egunsentiak. Ez dakarzu bidai txartelik ez bada joanekorik, erlojuarekin batera zapartatzen diren laztanez nago hilurren. Etorri zatoz baina ez zara egundo geratzen. ISTRIPUAK Auto batek istripua izan du, ez atezainak kornerrean bezala ez lisaburdinak galtzetan legez. Auto batek istripua izan du berrehun eta hogeita laugarrenez, esaera zaharra izan nahi lukeela aldarrikatuz egoskorrari egokitu dakiokeen sententziaz. Auto batek istripua izan zuenean hots egin zidaten, ez maitasuna egiten denean bezala ez urteak aurrera doazela esateko legez. Auto batek istripua izan zuen eta Eneko ubeldu zitzaidan bihotzean Gotzonek egin zidan ihes. Ezetz galdetu nien erantzunei baina Justizia bakartiegiak erabakita zuen aspaldi. Asturua besterik ez da. BILATUKO ZAITUT Bilatuko zaitut oparitutako liburuen orri zurietan autobus geltokietako esperoan legez kanpoko maluretan fereken hitzaurreetan laranja urezko armozuetan eta portale bako larreetan ILARAK APURTU Ilarak apurtu eta faroletatik esekiko gara. Hiltzeko moduko saltoa egin ostean artez erori eta bi besoak goratuko ditugu. Gehiengoaren laurdenaren erdiak nazional sozialismoaren apologia egitea leporatuko digula profitatuz, buruz behera jarri, hankak zabaldu, zainak tenkatu eta polizien kontra jaurtiko dugu elkar, informatiboetako sabeliztunek burdinazko tiragoma eta egurrezko ontziolei buruzko atzerabegirakoaren berri eman dezaten. Eskola bete haurren laguntzaz armada gorria eta geografia irakaslea bahituko ditugu mapen mugikortasunaz hitzarmena sina dezaten. Bost segundotan euren buruaz beste egingo duten mezuak zabalduko ditugu: gezurra da maite gaituen egia. EZ DA EZINBESTEKOA Ez da ezinbestekoa ilargi betea eta izarren ederra. Ez da ezinbestekoa deitzen ez duten lagunen agenda, borroka armatua, arrazoia izatea, gezurrik ez diozula zin egitea. Ez da ezinbestekoa erbestea, idazlea, itsasoaren metafora, berrogei lapurren kondaira. Ez da ezinbestekoa eguzkia, andere biluzia hormaren gainean, egunen destaina, non dagoen askatasuna, bakea gorbatetan estutzea ez da ezinbestekoa. BERRIRO HASI Eskua iragartzen duen andereak esan zidan badudala nirea ez den marra bat luzea, sakona, orbana dirudiena, ene eskuan irakurtezina zitzaiona, neronek deszifratu beharrekoa. Marraren hasierara joan eta tiraka hasi nintzaion, niganantz. Badira hiru egun eta sei urte, oraindik ez dakusat marraren azkenik. Hasierara itzuli nahi nuke. Eskerrik asko: bihotz bakartien klubeko kide dekotezen Aintzina Lekue, Etxahun Lekue, Gorka Mugarza, Gorka Uriarte, Gulu Aurrekoetxea, Iñaki Berazategi, Marifeli Etxeandia eta Patxi Gaztelumendiri; biderako kinkela isitu dostienei; Xabier Gantzaraini, arrakala ederrik badagoela erakustearren; Alex Arregiri, kukuen kantue topetan lagundutearren; liburutxu honetako poemetan oinarritutako animazioak egin dituzten Bego Vicarioren Arte Ederretako ikasleei: Maite, Sabrina, Abarne, Veronika, Ander, Adur, Belen, Edurne, Itsaso, Alaitz, Unai, Andres, Iñaki, Lidia, Yera, Ines, Jose eta Begori berari; Nestor Zabalari, arrakalen arpegiei atara dotsiezan argazkiengatik; Itziarri, cómo gasto papeles recordándote, cómo me haces hablar en el silencio...; eta batez be beti alboan dekotezen Alex, Ali eta Peruri.
booktegi.eus XABIER LÓPEZ ASKASIBAR Dena da gezurra Antzerki-lana Azala: Oier Zuñiga Pertsonaiak: JULEN GAZTEA ZAHARRA MADDI AMA Idazlearen oharrak: Hamar urte baino gehiagoko haurrengan pentsatuz sortua izan da honako testua. Eszena bakoitzaren bukaera eta hurrengoaren hasiera igualak dira; aukera estilistikoa da, telesail bateko kapituluak izango balira bezala. I (Eszenatokia ilunpetan dago, pantaila erraldoian proiektatutako pelikula modukoa bakarrik dago ikusgai. Bertan, telebistako imajinak abiadura bizian ikus daitezke; baina, ez dira zehatz-mehatz zentzuzko segida duten irudiak ageri, telebistan egunero gure begien aurrean, azaltzen zaizkigun milaka irudi zorabiagarri horien nahasketa bortitza baizik. Aldi berean, irudiekin bat ez datorren musika karrakari eta errepikakorra entzun daiteke, musika elektronikoren bat izango litzateke egokiena, fabrika baten soinu astuna gogora ekar lezakeena. Pixkanaka-pixkanaka fluoreszenteen argi hotzak hasiko du taula argitzen, pantailako imajinak desagertuko dira, oihal beteko planoan aurrez aurre azalduko den neskato baten aurpegi erraldoiari lekua uzteko. Hamahiru bat urteko neska pinpirina da, aurpegi atsegina duten horietakoa, baina janzkera eta orrazkera oso bereziak ditu, etorkizuneko garai batekoak dirudite baina arrotzak suertatu gabe. Ezin dugu neskaren ahotsa entzun musikak ozen jarraitzen du eta; hala ere, egiten dituen keinu adierazkorrengatik, badirudi norbaitekin hizketan ari dela. Musikaren bolumena gradualki jaisten joango da, eta hori gertatzearekin batera, argi fluoreszenteek eszenatokia erabat argituko dute eta non gauden ikusi ahal izango da. Julen, gure protagonistaren, logela da. Gela berezia dugu honako hau: ospitalea bezain aseptikoa; ez du apenas dekoraziorik, diseinu bitxiko ohea, aulkia eta mahaia baino ez; kolore zuriz eta metalikoz hornitua dago dena; izarrez betetako estaturen bateko bandera ohe ondoko paretan eskegirik. Hamahiru bat urteko mutikoa ohean etzanda dago alferkerian; zuri eta metal koloreko kirol arropaz, inguruko espazioarekin bat egiten du kameleoi gisa. Bera da, noski, pantailako neskarekin hizketan ari dena, horretarako buruari atxikita kamara ia ikusezina du bere aurpegira bideratua, neskak Julenen aurpegia ikus dezan. Gela osoa esfera erdi baten barruan kokatuta dago, erabat gardena; alabaina, ez du kalera ematen eta erabat isolatua dago. Oraintxe ohar gaitezke, imajinatzen genuen pantaila ez dela existitzen, irudiak kristal moduko pareta obalatu horietan islatzen direlarik. Gazteak hizketan baino, eztabaida sutsuan ari dira.) MADDI.- Esna hadi, txotxolo hori, tontotuta al hago? Ez al haiz konturatu oraindik? Joko birtualaren azkeneko fasean akats mordoa zagok, bai? Ulertu al duk? (Mutikoak bere burugogorkerian kasu handirik egiten ez dionez, hasperen egingo du eta bere buruari hitz eginez.) Ez zakiat nik ba. (Juleni adiskidetsu azaltzen saiatu nahian.) Entzun, Julen, beharrezkoa duk jokoaren hutsune horiek salbatzea. Ze, ezin duk irabazi androideen mugimendu motelengatik. Barraskiloak ziruditek! JULEN.- Dorpea haiz eta ez dakin erabiltzen. MADDI.- Bai, zera! Egoskorra haiz gero, e! (Juleni koipea emanez.) Bideojokoen istorioa originala duk, bai... titaniozko androideak Marte konkistatu nahian, tope, txo, ez duk nolanahiko abentura, ez. (Maddi sasijakintsua izango da bere hainbat esalditan.) O, benetan bitxia! Jokalariak txunditzeko moduko denbora-pasa. Klasikoa baina berritzailea aldi berean, nahiko “vintage” edo. JULEN.- A ze pasada, bai, ezta? MADDI.- (Diplomatiko.) Dena dela, onartu beharko, gauza asko hobetzeke daudela: koloreak motelegiak dituk; jokoaren maila bakoitzeko usain ezberdinak ez dituk ongi antzematen; ezinezkoa duk pantaila barruan jokatu, eta horrela puntuak galtzen ditiagu beste proiektuekin alderatuta... Gainera, odol isuri etengabe hori nazkagarria duk. Puf! Odola eta odola eta odola alde guztietatik, zipriztintzen duen bakoitzean blai uzten hau, gero ezinezkoa duk arropatik orbainak kentzea. (Nazka aurpegia jarriz.) Gurasoak sutan jartzeko modukoa! Bai? (Julenekin atsegin izan nahian.) Sarean salgai jarri aurretik nire moldaketak begiratu, mese, mese... (Emozioaz hitz egiten hasiko da.) Grafiko berrituak ditiat, pasada txo, ze 3 dimentsioak zaharkituak geratu dituk eta... JULEN.- (Eten egingo du, Maddiren ahotsa imitatuz.) “Bai, grafikoak, moldaketak, isuria, orbainak... Mese, mese...”. Pedante hutsa haiz! MADDI.- (Haserre eta harritua era berean.) Pedantea, ni? Pedantea, ni? Bai zera! Baina, baina, ba al dakik zer esan nahi duen hitz horrek? JULEN.- Ideiarik ez, telebistan entzun ninan. MADDI.- A! Esaten nian ba nik... babalorea. JULEN.- (Burlati.) Hik azalduko al didan moñoña? MADDI. - (Erdeinu keinuaz.) Baita zera ere, ez diat hirekin denborarik galduko. (Lasaitu nahian, Julenekin helduen arteko elkarrizketa bat izaten saiatuko da.) Begira, txo, bion artean lana egin eta nota hobea lor zezakeagu klaseko proiektuan. Esan, ez al huen proiektu onenaren saria irabazi nahi? Ez al huen eskolako ospetsu eta ezagunena izan nahi? Bion artean lor zezakeagu. JULEN.- Et, et, et... ez dinat horrelakorik sekula esan. Noiz esan dut nik ba klaseko ospetsuena izan nahi dudanik? MADDI.- Hara, bestea. (Haserre.) Ba, nik bai esan nian. Oraingo honetan nota bikaina lortzen badiat, goi mailako unibertsitate batean sartzeko aukera izango diat. Nire bizitzako ametsa duk Millennium unibertsitatera joatea. JULEN.- Unibertsitatea? Eta zer ikusirik du horrek nirekin? MADDI.- (Marmarrean.) Gure adinean puntuazio gorenenak lortzeko, taldeka egindako lana izan behar dik. Banakakoek ez ditek apenas kontatzen... orain duk aukera, bestela 18 urte bete arte itxaron beharko diat. Jende arruntarekin batera. (Bere golkorako.) Ez diat ulertzen, gaur egun ez dik inork taldeka lan egiten, eta hori eskatzea ere. JULEN.- (Berekiko.) Jende arrunta... (Harriduraz ahoa zabal-zabalik duela.) A, gibelandi halakoa! Jokoa hiretzat nahi dun, e? Argi zagon dena, orain ulertzen dinat, benetan maltzurra haiz... (Tragiko jarriz, ahotsa nabarmen aldatuko du eta imintzioka hasiko da txantxetan.) Neure ideia bikainak erabili nahi ditun kurtsoa gainditzeko... O! ... goi mailako unibertsitate batean sartzeko... O! O! ... eskolako ospetsuena izateko... manipulazioaren menpe bizi naun... emakume baten MADDI.- Etzak txotxolokeriarik esan, babo halakoa! Akats horiekin ikasgaia gaindituko duala uste al duk? Jai daukak! JULEN.- Baboa, e? (Maddi haserretu nahian.) Ba, hi txolina, marijakintsu, “printzesita”. (Bat-batean, erreka baten ur jarioa entzun daiteke, logelan bertan ur-jauzia balego bezala. Maddik errieta egin behar dionean Julenek geldiarazi egingo du.) A! Barkatu, Maddi, utzi egin behar haut. Deika ari zaizkidan. MADDI.- Hau kasualidadea! Justu orain! Ez dakik hik ezer... (Atseginago, zirikatzea haien eguneroko jolasa izango balitz bezala.) Ados, kontuan izan esandakoa eta hitz egingo diagu. Aio, txotxolo. JULEN.- Bai, aio, printzesa. MADDI.- Emango diat bat... JULEN.- Aio pelaio! ITZALI. (Julenen barreen artean Maddiren irudia desagertu egingo da, pantailako argia itzaliz. Julenek kamara deskonektatu egingo du, baina mikrofono txikia aho ondoan erantsita mantenduko du. Aparatu teknologikoak bere gorputz atalen parte dira, ciborg baten moduan. Dena dela, agertzen diren aparatuak ez dira une horretan dagoen puntapuntako teknologia, egunerokotasunean bizitzan normaltasunez maneiatzen direnak baizik.) JULEN.- (Ozen.) AMA. (Erreka soinua eten egin da eta logelan zerutik eroritako argi irreala ageri da, batbatean argi horren barruan amaren holograma antzeman daiteke; Julenek ama ikus dezake, baina amak bera ez. Hala eta guztiz ere, Julen ohetik jaiki egingo da eta ilea eskuaz orraztuko du, ia oharkabean, amaren errietaren beldur edo. Amak exekutibo arropa dotorea darama, baina azken modako jantzian; nahiko “kursia” da bere hitz egiteko modua eta, bere jarrera ikusita, patxaran pare bat hartu dituela ematen du. Telefono aparatuak ez ditugu ikusiko, garai honetan gorputzarekin bat egin dutelako dagoeneko teknologia guztiek.) JULEN.- Kaixo, ama. AMA.- Julentxo, maitea. Zer moduz dena? JULEN.- Hementxe. AMA.- Non zaude orain, txiki? (Miopea balitz bezala begiak ireki eta itxiz.) Zein arraro, ezin zaitut ongi ikusi. Ai ene, ez ote nintzen itsutuko? (Gehiegikerian hasiko dela.) Ai, zergatik niri? Zergatik niri? JULEN.- (Pazientziaz.) Ama... zure telefonoa modelo zaharra da, ezin nauzu ikusi, ez du funtzio hori instalatua. AMA.- (Alai.) A, egia da. Ez nuen gogoratzen! Berria erosi beharko dut. JULEN.- Ama... aspaldi erosi zenuen, baina oraindik ez duzu estreinatu. Tramankulu berrien gelan dago. (Bere buruari.) Beste hainbat tramankulu eta traste bezalaxe, kotoizko hodei artifizialak sortzeko makina eta amaierarik ez duen eskailera eramangarriarekin batera egongo da. AMA.- (Azken esaldia entzun ez duela.) A, bai? Bai, bai... hori ere egia da, aspaldi erosi nuen. (Barre egingo du.) Bueno, ba orduan... (Eskua begien gainean jarriko du, bisera moduan, urrutira begiratuko balu bezala.) ... non zaudeee... eoooo... non zaudeee... maiteaaa? JULEN.- (Asper-asper eginda.) Logelan, oheratzear. AMA.- (Normaltasunera bueltatuz.) Ongi da, potxoli. Barkatu, maitea, berandutu egin zaigu gaur ere. Hau aztoramena! Kar, kar, kar! Afaltzen geratu behar izan dut laneko nagusiekin, badakizu nolakoak diren enpresari berritsu hauek. Beti txutxumutxuka! Beti kuxkuxeatzen! Kar, kar, kar! Zelako txisteak kontatzen dituzten! Kar, kar, kar! Zer esaten dio arrain batek beste bati? (Ahoaz arrainek egiten duten keinua egingo du komikoki eta 8 barrez lehertzen hasiko da.) Beste bat, beste bat kontatuko dizut. Zergatik dute ipurdian zuloa txerriek? Zuloa bizkarrean izango balute itsulapikoak izango liratekeelako. Ulertu al duzu? Kar, kar, kar! (Gehiegizko keinuak eginez.) Zuloa... txerria... itsulapikoa... Kar, kar, kar! (Inork erantzuten ez duela ikusita, bere ingurura begiratzen hasiko da; despistatuta ez daki non dagoen eta azkenean aztoratuta bere buruarekin izutuko da.) AI! (Semearekin hizketan ari dela gogoratuko du bat-batean. Lasaitu ondoren, serioago jarriz.) Zerbait afalduko zenuen ala, zerutxo? JULEN.- Bai, hozkailuan bazegoen zerbait eta hura berotu dut. AMA.- Ongi da, aingerutxo, oi, oi, oi, maitea, zein guapoa den nire semetxoa, munduko semerik guapoena. JULEN.- (Bere buruari, haserre.) Baina ezin nau ikusi eta. (Ilea berriz amorruz endredatzen du, amarekin haserre.) AMA.- (Ezertaz ohartu gabe.) Eta etxeko lanak? JULEN.- Denak eginda. Mateko eragiketak zailak ziren... irakasleari galdetu beharko diot... ez dakit zuzen bukatu ditudan baina... AMA.- (Kasu handirik egiten ari ez zaiola agerian utziko du; izan ere, ispilu txiki batean bere burua begiratzen duen bitartean hitz egiten hasiko da, azken finean, makillajea eta orrazkera behar bezala dituela begiratzeaz arduratuagoa baitago, bere semearekin hitz egiteaz baino.) Bai, bai. Hobe duzu ulertzen ez dituzun fisikako ariketa horiek irakasleari galdetzea, bai. JULEN.- Baina ama, fisikakoak ez... AMA.- (Semearen hitzak etenez.) Bai, bai, fisikakoak... (Ispilu gorde ondoren, erlojua begiratuko du.) Ai, utzi egin behar zaitut, polita. Komunera joateko aitzakiarekin altxatu naiz mahaitik eta txiza gainean egin dudala usteko dute dagoeneko. (Ama barrezka hasi da, barre txolinaz, baina bera bakarrik ari dela konturatzean, utzi egin dio barre egiteari. Apur bat aztoratuta.) Beno... e... ez dut uste oso berandu bueltatuko naizenik, deskantsatu, bai maitea? Agur. JULEN.- Ama. AMA.- Bai, maitea? JULEN.- Eta, aita? AMA.- (Eguraldiaren iragarpena egiten egongo balitz bezala, mapa ikusezin batean gora eta behera Shangai seinalatuz.) Ai, laztana, laztantxo, badakizu Shangain dagoela, ezta? Eta Shan-ga-i, hemendik oso urruti kokatuta dago... JULEN.- (Amaren txorakeriei muzin eginez.) Ama, bai, jakina... badakit Shangain dagoela... nola ez dut jakingo ba... baina, noiz itzuliko da? AMA.- (Julenek xelebrekeriaren bat esan izan balu bezala.) Ui, ui, ui, ui... auskalo... ui, ui, ui, ui... negozio ugari ditu han, badakizu. Zure aita enpresari garrantzitsua da! SONA HANDIKO GIZONA! Kar, kar, kar! (Horrenbeste barre egin eta gero eztulka hasiko da eta ia itoko da; dibertigarria izango da ikuslearentzat bere mugimenduak eta jartzen dituen gehiegizko aurpegiak, Julenentzat ez bezala.) Ai, ai! Ene ama maitea! Itotzear egon naiz ia! Heriotzatik gertu! Zure aita... bai, bai... zure aita hurrengo hilabeterako hemen izango dela uste dut... ez badu lehenago New Yorketik pasa behar, noski. (Supituki zerbait bururatuko zaio eta askatasunaren estatuaren itxura hartuko du.) Nor naiz? Nor naiz? (Bere semeak erantzuten ez duela ikusita.) Benga, asmatu, asmatu. (Semea galdetu diona bat-batean gogoratuz.) JULEN.- Jo, ez dakidala, ama. AMA.- Begiratu ongi, oso argi dago. (Seinalatuz begi-bistakoa dena ageriago utziz.) Saia zaitez, oso erraza da eta! JULEN.- (Hasperen eginez.) Askatasunaren estatua? AMA.- Bai! (Txalo txiki eta azkarrak emanez saltoka hasiko da pozaren pozez.) Ongi, ongi, asmatu duzu! (Argi irrealaren barruan jira eta bira hasiko da, besoak igotzen eta jaisten dituela.) Nire semetxoa azkarrena da! Nire semetxoa azkarrena da! (Telebistako aurkezle 10 baten ahotsa jarriz mikrofono ikusezina eskuetan duela.) Eta gure gaurko irabazlea: (Danbor hotsa eginez.) JULEN da. Pozik al zaude? JULEN.- (Zer esan ez dakiela.) Bai? AMA.- (Bere irudimenean soilik existitzen den ikusleria xaxatuz, neurriz gaineko mugimenduak egiten hasiko da.) TXALOAK, TXALOAK. Oe, oe, oe, oe... (Bere onera etorriz, nahiko despistatua.) Zeri buruz ari ginen hizketan? JULEN.- (Nazka-nazka eginda.) Aitaz. AMA.- A, egia da! Zure aita horren lanpetuta dabil! Hots egingo diot, nahi baduzu. (Bere poltsikoak arakatzen hasiko da eta telefonoa topatzen ez duenez urduritu egingo da.) Non utzi dut telefonoa? Ez al zidaten lapurtuko! Jakina. Nola ez? Beti, beti esaten diet jatetxe honetan oso tipo arraroak daudela, baina ez didate kasu zipitzik ere egiten. Azkenean horrelakoak gerta...tu... (Barre tontoaz, aurpegian duen mikroa seinalatuz.) A, zurekin ari naiz! Kar, kar, kar! (Kantatzen hitz egingo du.) Ez didate lapurtu, kar, kar, kar, zurekin ari naiz eta... lapurtu ez... zurekin... JULEN.- (Ezer lortuko ez duelakoan.) Ez, ez, utzi, ez deitu, mesedez. Atzo bere mezua jaso nuen e-postan. Opari izugarria erosi omen dit, igual itzuli aurretik bidaliko du. (Ahopeka.) Gainera zure zain egongo dira mahaian. AMA.- (Bere abesti inprobisatuan galduta zirudien arren, semeak esandakoa entzun duela.) Ui! Arrazoia daukazu! Egia da, bai, komuneko papera agortu egin dela usteko dute eta horregatik ez naizela bueltatu... (Barrezka hasi da berriz ere, baina Julenek ez duenez barrerik egiten, isildu egin da.) Beno... e... bihar arte, polita. (Komikoki eskuekin muxuak bidaltzen hasiko da telefonotik, hori egin eta gero, soinekoa berriz dotore jarri eta ama serioaren papera egiten saiatuko da.) Ez badugu gosarian elkar ikusten, zereal guztiak jan itzazu, bai Julentxo? Hartz itxura duten zereal horiek guztiak, bai? Txokolatezko hartzatxo superbitaminadunak. JULEN.- Bai, ama. Agur. AMA.- Agur, bai, bestela zera pentsatuko dute ez banaiz berehala bueltatzen... (Barre egiten hastera doa, baina semea ikusten ez duen arren, nabaritu du berari ez diola grazia izpirik egiten.) Agur, maitea. JULEN.- Agur. ITZALI. (Azkeneko hitz hau esaten duenean, argia amaren irudiarekin desagertuko da.) (Burlati ama imitatzen.) “Gainean egin dudala usteko dute dagoeneko”. Egia izango balitz sikiera, orduan barre egingo genikek, bai. Beti kontu bera. “Zereal guztiak jan itzazu”. Aspaldi utzi nioan zerealak jateari, kafe kikara erraldoiak hartzen ditiat, (Orro egiten hasiko da.) Sutan jartzen nauten katilukada erraldoiak... baina bera ez duk konturatu ere egin, beti zabilek horren lanpetuta. Buff. (Julenek, orain arte konturatu ez bagara ere, kable antzeko batzuk daramatza erantsita eskuetan, eta inolako teklaturik erabili gabe idatz dezake. Hasperen egin eta gero.) EGUNEROKOA. (Kristalezko horman argia piztuko da berriro ere, Julenek bere Egunerokoa idatz dezan. Hatzei eragiten dien heinean testua pantailan agertuko da; hala ere, ozen esango ditu bere hitzok, izan ere, dena telefonozko mezuen antzera idatzita egongo da, ) Martxoarn 3a, astarta. EguNroko maita: Gaur oso gun asprgarria izan duk. Gobrnuak astan 2tan zarritako prsntziazko klasak oso astunak egitn zaizkidak :( nahiago nikk dnak txtik jasoko bagnitu. Erosoagoa baduk, bhintzt. Gainra, irakaslk ztitk skolan egon nahi izatn, irttko gogoa nabari zaiek bti. KKnarruak! Bst ikaskidkin egon naitkk, bhintzt. Koadrila 2kaina osatzn diagu: goiztn dnok logura aurpgiz joatn gaituk -_- ta barr gitn diagu horrn kontura :[) ; builaka hastn gaituk glara sartzan ta lkarri kontatzn zioagu zr nolako trsna brria rosi dugun sarean. Baina lagun lagunk z gaituk, agian Maddi ñ_ñ ta biok bakarrik. Bakik klas barruan ezin ditugula makinak izan, sarrran konfisktzn zizkigutk aparatu lktroniko ghienak, bti bzala. Ikaskid 1ek tlfnaz ikaskta-burua mhatxatu zuentik oso zorrotzak dituk “arazo” honkin. Ze pasada! Alukria galanta! :P Horrgatik ztiat ia ezr eramatn, bidan muska entzutkoa ta ezr gutxi ghiago. Antzinako kontuetara bueltatu nahi izata ere! (Sututa bat-batean ohe gainean zutik jarriko da salto eginez, idazteari utziz segundo batez.) Gu geu gaituk teknologia, gure baitan zaudek! Etorkizuna geure esku zagok! Bai! (Bere buruaz barre egingo du, ondoren lasaituko da eta, ohean eseriz, idazteari ekingo dio berriro.) MatMtkakoa pasa gin duk etxko lankin, ingniaritza aerospaziala ikasi nahi nuela san niontik, bst inori baino arikta ghiago bidaltzn zizkidak niri. Baleki, galdtutakoan, burura torritako aurrnko gauza san niola! Puf! O_o Dantzaria izan nahi nuela san izan banio, egunro luzatz-ariktak gitn egongo ninduan... 1, 2, 1, 2... Eskuekin bhatz puntak ukitu art! Nekea ez da existitzen! Auskl, heldu hauek zoratuta zaudk. @_@ Horrz gain, Maddi nahiko astun zabilk 2dojken kontua dla ta, etzakiat zrgtk duen horrnbst intrs klasan 2dalitako proiektuan laguntzko, unibrtsitatkoa aitzakia galanta duk... egia duk bra ni baino trbagoa dela gauza hauetan, baina... ztzioat skula onartuko! (Bat-batean pantailako irudia distortsionatzen hasiko da; Julen idazten saiatuko den arren, ez du ezer lortuko, argiak bere intentsitatea galduko du eta fluoreszenteak dirdir etengabean hasiko dira.) JULEN.- Zer demontre gertatzen ari da? (Argien dir-dir hori gero eta bortitzagoa izango da, azkenean itzalaldia etortzen den arte.) (Julen lasaitasuna galdu gabe, pertsona heldu bat balitz bezala.) Kaka putza, gaur falta genuena! (Aginte tonuan.) EMERGENTZIAZKO ARGIA. (Argi urdin motel batzuk piztuko dira logela osoan, hala ere, logela dezente argituko dutenak. Julen ahoan duen mikrofono-telefono berezitik deitzen saiatuko da.) 24 ORDUKO ZERBITZU TEKNIKOA (Seinalearen zain egongo da Julen, baina ez du ezer entzungo.) Ze gauza arraroa, honek ere ez dik funtzionatzen. Hau duk marka hau! Etxera etorri naizenean ez zirudian ekaitz elektrikorik zegoenik. (Berriro saiatuz.) 24 ORDUKO ZERBITZU TEKNIKOA (Zain geratuko da baina ez da ezer entzungo.) Alferrik. Ez zakiat zertarako ordaintzen diogun dirutza estatu globalari, gero energiak ez badu behar bezala funtzionatzen. Imajinatzen diat urbanizazioko zaindariak berehala mezu bat bidaliko duela barneko saretik, minutu batzuk barru dena konponduko dela esanez. Hau desastrea! Lotara joan beharko diat ezertan jokatu gabe... karreratan errekorra gainditu gabe gaur. Demontre! (Une horretan burrunba izugarria entzungo da, eta mutikoa altxatu egingo da zarata horiek nondik datozen ikusi nahian. Baina ez dauka batere argi; hori dela eta, izutzen hasiko da. Ez dago ohituta kontrolatzen ez dituen egoeretara, suertatzen diren arazo guztiei patxadatsu aurre egiteko gai izan da beti, txikitatik bere kabuz arazoak konpontzeko ardura izan du. ) JULEN.- Zer arraio gertatzen da hemen? (Zarataren intentsitateak gora egingo du. Julen bere burua lasaitu nahian.) Eskerrak gela hau erabat isolatua dagoen, kanpotik euli bat bera ere sartu ezin dela, bestela... bestela, pastela... kakati hutsa nauk... hiltzaile maltzurra ni akabatzera noiz etorriko den zain dagoen kakontzia. Ulu, ulu, ulu! Otsoa, otsoa datorrela! Azkar, ihes egin txanogorritxo! (Gogorik gabe barre egingo du. Berehala eztanda izugarria entzungo da eta ke artean lurrean zuloa egin dela deskubrituko dugu. Julen ohe azpian ezkutatuko da izututa eta belarrian erantsitako telefonoa erabiltzen saiatuko da.) JULEN.- POLIZIA. POLIZIA. Ez zabilek, kontxo, benetan behar ditugunean... ez zagok modurik... (Zulotik, ke artean, itzalak eta hotsak sumatuko dira; Julen ohe azpitik aterako da uzkur, eta erdi esfera itxi horretan dagoen ate ikusezinera gerturatuko da.) JULEN.- IREKI. (Baina atea ez da irekiko. Soinuak ozenago bihurtu ahala Julenen urduritasuna areagotuz joango da eta paretako material garden hura ukabilekin kolpatzen hasiko da bortizki.) JULEN.- IREKI. Kakazaharra. Ireki hadi behingoz, kontxo! ZAHARRA.- Alferrik, hautsiezina duk. (Zulo barnetik bi tipo aterako dira, aurpegiak marrazki bizidunetako pertsonaien maskara deigarri batzuez estalita eta arropa zarpailak jantzita. Hitz egiten duenak “Nagusi” itxura edukiko du; izan ere, aginduak berak emango ditu. Gainera, atera den bigarren tipoa baino zaharragoa izango da, eta horrek nabarmen baldintzatuko ditu pertsonaien arteko erlazioak. Julen paretaren kontra zur eta lur geratu da, mugitu ezinik estatua gisa. Horrelako gauzak telebistan bakarrik ikusi ditu, ez zekien benetakoak izan zitezkeenik, biolentzia zeharka pasatzen da bere bizitzatik, gehienetan pantaila atzean.) ZAHARRA.- Gabon, mutiko. (Gazteari agindua emanez.) Hartu! (Gaztea, zalantzati hasieran, segurtasunez joango da gero Julenengana. Azken honek, ihes egitekoa egin duen arren, ez du aukerarik izango; izan ere, gazteak berehala harrapatuko du Julen, lurraren kontra botaz. Gaztea indarrez eusten ari zaio, Juleni min ez ematen saiatuko den arren.) ZAHARRA.- Lotuzak behingoz. (Gazteak gelan aurkitzen dituen kable batzuekin lotuko dizkio Juleni hankak eta eskumuturrak; ohe gaineko bandera izardunaz estaliko dio ahoa, Julenek oihu egin ez dezan. Nahiz eta Julen orain arte paralizatua egon den, une horretan urduri mugitzen hasiko da, bat-batean esnatu izan balitz bezala; ongi lotu dizkiote gorputz-adarrak, ordea, eta apenas arrastaka ibil daiteke. Gaztearen atzaparretatik ihes egin nahian dabil, baina gaztea indartsuagoa dela konturatzen denean, ezinean negarrez hasiko da.) GAZTEA.- (Jatorra.) Egon hadi geldi, osterantzean zauriak egingo dituk eskumuturretan. (Bere buruari marmarrean.) Beste zerbait ekarri behar genuenn eskuak lotzeko, ezin gara beti inprobisatzen ibili. ZAHARRA.- (Gela trankil-trankil begiratzen ari dela. Juleni.) Mukizu, isil hadi. (Julenek negar egiteari uzten ez dionez, haserre itxurak egingo ditu.) Kagoen, ume txiki bat dirudik. Isil hadi, dedion! (Gazteari aginduz.) Hi, emaiok isiltzeko botika. (Gaztea Juleni eskuez eusten ari zaiola, badirudi ez dituela bere nagusiaren aginduak ulertu. Orain bai zaharrak haserre hitz egingo dio.) Gorra al hago? Ai, ze pattala haizen! Beti berdin... Ezin diagu denborarik galdu! (Nazkatuta.) Neuk egin behar dena, jo! (Zaharra gerturatuko zaie haserre eta mutikoa begiekin lastima transmititzen saiatuko da; ez du zaharra kikilduko baina, Julenen beldur aurpegiak. Azkenean mutikoari indar gutxiko ukabilkada emango dio aurpegian, gaztearen harridura keinuaren aurrean. Julenek konortea galduko du gaztearen besoetan.) GAZTEA.- (Julen kontu handiz lurrean utziko du. Haserre ahotsaz zaharrari.) Ez zen beharrezkoa. ZAHARRA.- Agian ez, baina gorroto ditiat ume negartiak. Ai, ez hintzateke horren inuzentea izan behar! Gainera, lasai, suabe-suabe eman zioat. Mengel hutsa! Ez dik markarik izango, konortea galdu besterik ez. Kar, kar, kar! GAZTEA.- Ez zen beharrezkoa, hala ere. ZAHARRA.- En fin, utzi berriketak, lana diagu oraindik. (Zaharrak marrazki bizidunetako maskara kenduko du. Horren azpian goizegi zaharkitutako gizon bizarduna agertuko da, garai batean gizartearen eskubideen alde borrokatzen ziren horietakoa. Begitartean keinu zakarra duen arren, behin guapoa izan zela nabari zaio bere aurpegieran. Gela guztia arakatzen hasiko da, alde batetik bestera mugituko da, txakurra gaizkilearen arrastoak usnatzen dabilenean bezala.) ZAHARRA.- Etxebizitza hauek gero eta itsusiagoak dituk, gero eta inpertsonalagoa dena. Ez zakiat ziur etxea edo psikiatrikoa den, ero koadrila bat bizitzeko moduko saloi higuingarria duk. 16 (Gaztea ohean eseri eta maskara kenduko du hasperen eginez. Maskara atzean Julenen adin bertsuko mutiko gaztea dugu, aurpegi tristea du eta bizitza gogorra izan duela antzematen zaio bere keinu apaletan. Baina, hala ere, jatorra dirudi.) GAZTEA.- (Bere buruari.) Erosoa da, bai, benetan erosoa. ZAHARRA.- Ez gaituk deskantsatzera etorri, ezin gaituk lo gelditu. Azken finean, ez zakiagu zenbat denbora funtzionatuko duen seinale eta frekuentzia guztiak inhibitzen dituen aparatuak. (Serio antzean.) Por tzierto, heuk programatu huen, ezta? Zenbat denbora, e? Hik jakin beharko huke, ala? Zenbat denbora funtzionatuko du gailu zikin horrek? (Gazteak naturaltasunez altxatu ditu sorbaldak, ez dakiela adierazteko. Zaharrak ukabilkada emateko besoa altxatuko du, baina barrezka hasiko da azkenean.) Txoratzen egongo dituk urbanizazioko zaindari tentelak, dedion... (Telebistako aurkezlearen ahotsa imitatuz.) “Munduko etxerik inteligenteenak, seguruenak, modernoenak.” Etxebizitza inteligente hauek ez dituk uste bezain perfektuak... eskerrak... eskerrak guretzat. Paretak eta teilatuak hautsiezinak diren arren, zoruak ez ditiztek horren ongi diseinatu, etxean egindako bonba txiki batez erraz suntsi daitezkek. Hik egindakoa, noski. (Gazteari keinu atseginez.) Zein azkarra haizen, txikito! GAZTEA.- (Zaharra hitz egiten ari zela, lasaitasunez gela arakatzeari ekin dio gazteak, bestearen lausenguei kasu handirik egiten ez diolarik.) Diseinua paregabea da eta, harmonia eta modernotasuna aldi berean uztartzea lortu du diseinatzaileak. Zeinen estruktura ederrak! ZAHARRA.- (Berriz haserre.) Zer arraiotan habil? Entzun, utziok handiusteko tipo horietako batek bezala hitz egiteari, dedion! Kriston nazka ematen duk! Txikito bat besterik ez haiz-eta! GAZTEA.- Horrelako logela bat nahi izan dut beti. ZAHARRA.- Etzak pitokeriarik esan! Hemen dauden tramankulu teknologiko hauetatik, baliotsua dena hartu eta lehenbailehen beste geletara jo behar diagu lur azpian egindako pasabidetik. (Logela arretaz begiratuz, lehenengo aldiz ikusiko balu bezala behatuko du dena.) Egia esan, gauza gutxi ditik agerian... ez, ez, ez... ezer gutxi gurekin eramateko; amaren logelan egongo duk baliozko materiala. Hori espero diat behintzat, bai, bestela... (Berriz baikorra izan nahian, jarrera abegikorraz, gazteari sorbaldan zapladatxoak emango dizkio.) Ideia bikaina izan zuan urbanizazioko bazter ilun horretan kanpatzea, horren lur eremu zabalekin ia ezinezko duk zaindariek inor topatzea. Aberatsak beti bizi izan dituk fantasiaren erreinuan, ametsen paradisuan... GAZTEA.- Bai, egia. ZAHARRA.- (Kopetako izerdi tanta beroak lehortuz.) Hau lan nekosoa, txikito! Etxea hilabete kontrolatzen, hemen bizi direnen ordutegi guztiak aise ikasi ahal izateko, haien mugimendu oro xehetasunez idatziz... A, ze esfortzua! Jo, urbanizazio modernoetan leihorik ez dagoen arren, eskerrak mila aparatu asmatzen dituala, txikito. Nori bururatuko litzaiokek bestela, (ahotsa aldatuz.) “pareten bestaldean gertatzen dena ikusteko gai den aparatua” Bikaina! GAZTEA.- Ez da horrenbesterainoko meritua, komertzializatu gabeko milaka prototipo daude. Ideia ostu eta aldaketatxo batzuk besterik ez dizkiot egin. Sarean denetarik topa daiteke gaur egun, bilatzen jakin behar, besterik ez. ZAHARRA.- Posible duk, bai. (Harroputz, ahoberokeriak esanez hasiko da, benetan meritua berea dela argi utzi nahian.) Argi zagok neuk ongi aukeratu nuela unea, bestela akabo; okasio egokia hautatzea, hori duk garrantzitsuena garaipena lortzeko, mutikoa etxean bakarrik... GAZTEA.- (Bestearen dibagazioak oharkabean etenez bera bakarrik egongo balitz bezala.) Erraza izan da. ZAHARRA.- Zer diok? (Zaharra haserretuko zaio meritua kendu nahi diola uste baitu. Gaztea, zaharraren aurpegi oldarkorraz ohartu gabe, agenda digitala aterako du eta irakurtzen hasiko da, esku artean duena informe bat izango balitz bezala.) GAZTEA.- Ama apenas egoten da etxean, lo egitera oso berandu etortzen da eta goizeko seiak inguruan alde egiten du kafe hutsa hartu eta gero. Etxea kontrolatzen gaudenetik aitarik ez da agertu. Agian ez du izango, auskalo, puntu hori aztertzeke geratzen da. Egunero goizeko bederatzietan, igandeetan izan ezik, noski, ziberneskame partikularra etorri ohi da otorduak prestatzera eta etxea garbitzera, egunero ordu biak inguruan alde eginez. Hamabost egunean behin musika irakaslea eta psikologoa etortzen dira. Ordubetez. Mutikoa astearte eta ostegunetan eskolara goizeko zortzietan abiatzen da eta bostak aldera bueltatzen. Bestela etxean egoten da beti. Bakarrik. Ez du bisitarik izaten. Inoiz ez. (Agenda digitala itxiz eta atera duen barruko poltsikoan gordez, bere buruari esaten dio.) Oso erraza. Errazegia. ZAHARRA.- (Lasaituta gaztearen esaldia ulertu ondoren.) Egia duk, bai, ez zaik arrazoirik falta. Etxe honetan ohiturak nahiko errotuak ditiztek. (Une horretan zarata ozenaz lurra mugitzen hasiko da.) ZAHARRA.- Zer duk hau, dena kontrolatua genuela uste nian. GAZTEA.- Eta, hola dela... uste dut. (Beste aparatu txikia poltsikotik atereaz urduri begiratuko du.) Seinale eragozleak funtzionamenduan jarraitzen du, ikusten duzu argi gorria, ezta? Ba, hori da seinale eragozlea, argi gorria. (Botoi batzuk etengabe sakatuz.) Ez dut ulertzen, alarma guztiak itzaliak daude. (Aparatutxoa gordez zalantzati.) Lurrikara izan daiteke? ZAHARRA.- Etzak alukeriarik esan, estatuek aspaldi debekatu zitiztean lurrikarak. (Ezustean lurrean egindako zuloa itxiko da, bien harridurarako.) II GAZTEA.- Lurrikara izan daiteke? ZAHARRA.- Etzak alukeriarik esan, estatuek aspaldi debekatu zitiztean lurrikarak. (Ezustean lurrean egindako zuloa itxiko da, bien harridurarako.) ZAHARRA.- Zer da hau? (Zuloa erabat desagertu dela eskuekin eta hankekin egiaztatu ondoren, lurrari kolpeka hasiko zaio amorruz. Gazteari.) Jakin daiteke zer gertatu den? Dena kalkulatua huela uste nian. GAZTEA.- Ez dut ideiarik. (Gazteak arropen artean zuen beste tramankulu txikia bezain bitxia aterako du eta zuloa zegoen lekura bideratuko du. Proba batzuk egin ostean tramankulua gordeko du, eta etsi aurpegia jarriz hasperen egingo du.) GAZTEA.- Ez dago ezer egiterik. ZAHARRA.- Zer? Nola? Zer esan nahi duk? GAZTEA.- Entzun duzuna. Matxuraren bat dutenean, etxe inteligente askok haien burua berreraikitzeko gaitasuna dute. Ez nekien zer puntutaraino zuten gaitasun hori, sukaldeko etxetresna txikientzat bideratua zegoelakoan nengoen. Uste baino boteretsuagoa da, seinale eragozleen gainetik dago. ZAHARRA.- Antzinako sugandilen antzera, buztana galtzean beste bat ateratzen zitzaiela? GAZTEA.- Bai, etxe hauek animalia bizidunak dira. ZAHARRA.- Dedion! (Urduri, gazteari aginduz.) Eginzak beste zulo bat berehala! Eginzak, ez al duk entzun? GAZTEA.- Ezinezkoa, material guztia pasabidean geratu zaigu. ZAHARRA.- Asmazak beste bat! Uneoro ari haiz gauza berriak asmatzen! Ez diat uste horren zaila izango denik. GAZTEA.- Hemen ez dago apenas tresnarik ezer fabrikatzeko... Gainera, ez genuke astirik izango. ZAHARRA.- Mozolo halakoa! (Zaharra pareta kolpatzen hasiko da amorratuta.) GAZTEA.- Alferrik, hautsiezina da. (Zaharra diseinuzko aulkia hartuz, paretaren kontra botako du hau apurtu nahian, baina pareta apurtu beharrean, aulkiak errebotatu egingo du berriz lurrera eroriz.) ZAHARRA.- (Haserre bizian.) Aaaa! Eginzak zerbait! Hemendik irten behar diagu berehala! (Gaztea astinduz.) Esan zerbait, esan zerbait, madarikatua! Ez al hintzen hi garun pribilegiatua? Edo harropuzkeriatan ibili haiz beti? Mozolo harroputza! Mozolo harroputza besterik ez haiz! GAZTEA.- (Apenas urduri jarri gabe.) Ez dakit. Ez dakit zer egin. (Zaharra erabat aztoratuta dagoela, zaplaztekoa emango dio gazteari. Horren aurrean gazteak ez du espresiorik aldatuko, ez zaio sentimendu aldaketarik nabari.) (Isiltasuna.) ZAHARRA.- (Egin duenaz damututa, ohera joango da urduri.) Bar... barkatu... ez nian nahi... barrenak kiskaltzen hasi zaizkidak eta... badakik... GAZTEA.- (Zegoen lekutik mugitu gabe aurpegiko espresioa ez du aldatuko, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Erabat neutroa.) Zerbait pentsatu behar dugu. (Isiltasuna.) ZAHARRA.- (Arnasketa batzuk egin ondoren, lasaiago dagoela ematen du.) Akaso... mutikoa esna zezakeagu... berak jakingo dik seguru asko nola irten hemendik... hori izango duk hoberena... GAZTEA.- Bai, posible da. (Juleni hurbilduz.) Lo seko dago. (Irribarre puntuaz.) Aingerua ematen du. ZAHARRA.- (Atsegina izan nahian.) Ba al dakik nolakoak diren aingeruak, ala? GAZTEA.- Ez, baina oso ederrak zirela irakurri nuen behin. ZAHARRA.- Irakurri? Bai denbora galtzea! Hi beti zentzurik gabeko gauzak irakurtzen, erlijioak aspaldi desagertu zituan eta! Orain bakarrik freskagarriak gurtzen dizkik jendeak. (Iragarki baten ahotsa imitatuz.) “Ziber-kola dastatu eta zoriona gozatu” “Izan hadi berezia, probatu freskagarri mundiala: banilla eta gerezia” (Juleni begira. Isilune baten ondoren.) Ederra duk, bai. Hi ere horrelakoa hintzen gurekin etorri hintzenean. Orain, ordea... (Damu da esaldiaz, baina badirudi gazteak ez duela entzun. Biak isiltasunean Julenek nola lo egiten duen begira geratuko dira. Segundo batzuk geroago, zaharrak magia unea hautsiz.) Beno... berehala esnatu behar diagu ume mokoa. GAZTEA.- (Oraindik Juleni begira dagoela.) Ez eman minik, mesedez. ZAHARRA.- Lasai, txikito. (Gaztea aldentzean, bestea Julenen ondoan makurtuko da. Poltsikotik esentziaren bat daraman botilatxoa aterako du; Julenen sudur ondotik pasatuz, honek pixkanaka begiak berriz ireki arte mantenduko du.) ZAHARRA.- Ez zagok metodo zaharrak bezalakorik! (Juleni.) Egunon, loti eder. (Julenek hasiera batean ez du gogoratuko zer gertatzen den, baina berehala ohartuko da, eta lurretik arrastaka mahai azpian ezkutatuko da bere burua babestu nahian. Gaztea gerturatuko zaio, Julen oso urduri jarriz.) GAZTEA.- (Julen lasaitu nahian.) Lasai, lasai. Ez diagu ezer egingo eta. (Julenen ondoan dagoenean, ahoa estaltzen dion estatu globaleko bandera poliki askatuko dio.) Trapu zahar hauek, ez ditek ezertarako balio... (Alde batera botako du trapua indarrez. ) Zer moduz hago? JULEN.- (Harridura eta negarraren artean.) Nortzuk zarete? Zer nahi duzue? Ez egin ezer, mesedez. GAZTEA.- Min handia al daukak aurpegian? JULEN.- (Bat-batean mina gogoratu izan balu bezala, oraindik negarrez dagoela.) Ez... beno... pixka bat masailezurrean. GAZTEA.- Berehala pasako duk. (Txantxetan zaharrari buruz.) Tipoak ez dik indar handirik. ZAHARRA.- (Bere gorputzaren defentsa eginez, atsegina izan nahian, txantxetan hasiko da.) Porru eginda nagok, baina kristoren giharrak ditiat. Begira, begira, mutil katxarroa nauk. (Bere besoak seinalatuko dit, giharrak erakutsiz. Western bateko gaiztoaren ahotsa jarriko du.) Nahi izan banu, lurrean akabatuta egongo hintzateke, mutiko. (Irribarre ironikoaz, berriz gaiztoaren zereginak egin behar dituela konturatuz.) Argi hitz egingo diagu gaztetxo. Eskatutakoa egiten baduk, ez zaik ezer gertatuko. Baina, bestela, akabo... (Mehatxu keinua egingo dio.) GAZTEA.- (Zaharraren jarrera gaitzetsiz.) Lasai, e! (Bere kidea baino adeitsuagoa izan nahian, Juleni hitz egingo dio.) Berak esan nahi duena zera duk: ez garela hiri min ematera etorri, etekinak lortzera baizik. JULEN.- Etekinak? (Negarra lasaituz, helduen baretasuna transmititu nahi du, baina faltsua ateratzen zaio.) Etekinak... ados. Zer nahi duzue? ZAHARRA.- Badirudi elkar ulertzen dugula behingoz. Ongi zagok hori. Oso erraza duk, etxebizitza honetan punta-puntako teknologia zagok hamaika aparatutan. Horiek eraman nahi ditiagu gurekin. JULEN.- (Bere buruari.) Lapurrak, noski, nolatan ez dut lehenago imajinatu. ZAHARRA.- (Julenek esandakoa entzun duela.) Ez, nik ez nikek hori esango, “lapurrak” hitz itsusia duk, erabiliegia. Erresistentziakoak gaituk, inoiz entzungo huen guri buruzko zer edo zer. JULEN.- (Zalantzati hasieran, azkenean zerbait gogoratuko du eta buruarekin baietz esango du. Totelka hitz eginez.) Ba... Baietz, uste dut. Telebistan. Gaizkileak zarete eta polizia beti zuen bila dabil. Estatu globalak dirua eskaintzen du, (askotan entzundako zerbait errepikatuz.) “erresistentziaren informazioa ezagutarazten duen ororentzat”. Hala ere, egoera kontrolatuta dutela esaten dute aldioro, gero eta ahulagoak zaretela eta laster legearen esku egongo zaretela. GAZTEA.- Betiko gezurrak. Estatu globalak telebista erabiltzen dik bere mezu globalak bidaltzeko, eta mezu globalarekin ados ez egotekotan, gaizkilea haiz. JULEN.- (Lasaiago hitz eginez.) Baina gauzak lapurtzen dituzue eta biolentzia erabiltzen duzue horretarako. GAZTEA.- (Mespretxu aurpegiaz begiratuko dio zaharrari eta hau kikildu egingo da.) Ez duk horrela izaten normalean, ez diagu biolentzia erabiltzen, ekintza baketsuen aldekoak gaituk, baina... (Joeri errieta egingo balio bezala hitz eginez.) Joe batzuetan urduri jartzen duk. JULEN.- Joe? ZAHARRA.- (Keinu komikoak eginez, ingeles azentua jarriz.) Joe nauk, hire zerbitzurako. (Gazteari seinalatuz.) Eta bera... Michael. JULEN.- Michael? (Harrituta.) Urte askotarako... uste dut. (Jatorra izan nahian, bere eskumuturrak begiratuz.) Barkatu, baina ezin dizuet eskua luzatu. ZAHARRA.- Bai, egia. Oraingoz hobe duk horrela. JULEN.- Ni Julen naiz. Joe eta Michael, izen bitxiak, ezta? ZAHARRA.- Ez dituk gure benetako izenak, noski. Hobe diagu geure benetako izenak ezkutuan gordetzea. Ez zakiat ingelesa gogoratuko duan... JULEN.- Ingelesa? Ez gehiegi, zerbait entzun dut entziklopedia birtualean. Hizkuntza bat zen, ezta? GAZTEA.- Aspaldi desagertutakoa, oso zabaldua zegoan mundu osoan zehar, horrek ezartzen zian neurria. ZAHARRA.- Eta beste hizkuntzak zeharo kutsatu zitian, hau amorrua... GAZTEA.- Gaur erabiltzen ditugun hitz asko ingelesetik zatozak, tamalgarria benetan hizkuntza baten desagertzea, baina horrela gertatu duk mendeetan zehar. Orain batez ere estatu globalaren hizkuntza hedatzen ari duk ikono itsusiz betea, eskolan ikasten duk hori, ezta? (Julenek baietz egiten du buruaz.) Imajinatzen nian, bai. ZAHARRA.- Zorionez ez dituk hizkuntza guztiak galdu. GAZTEA.- Horren dibertigarriak iruditzen zaizkiguk ingeleseko hainbat izen, ezen geure akzio guztietan erabiltzen ditugun. ZAHARRA.- Batzuetan John, besteetan Billy, sarritan George eta noiz edo noiz Stanley. (Tontoarena egiten.) Kaixo, ni Stanley naiz. Egunon, Stanley nauzue. Urte askotarako Stanley jauna. Ez esan ezer, zu Stanley baten aurpegia daukazu. (Barrezka hasiko da.) Ez al zaik dibertigarria iruditzen? JULEN.- (Azkeneko galderari kasurik egin gabe, gazteari.) Beraz, askotan lapurtzen al dituzue gauzak etxeetan? GAZTEA.- Akzio oso ezberdinak egiten ditiagu gure helburuak lortzeko, estatuaren bidegabekeriak agerian uzteko. (Tonua aldatuz, serioago.) Ezberdina duk etxeetan sartzearena, erresistentziaren mantenurako beharrezkoak dituk akzio hauek, ez duk ulertzen? Ez gaituk lapur hutsak, ez diagu geure burua lapurtzat jotzen... helburu gorenagoa diagu, estatu globala suntsitu, makurrarazi. JULEN.- Suntsitu, makurrarazi... eta biolentzia ez duzuela erabiltzen diozu? (Bere buruari.) Alprojak! GAZTEA.- Hitz egiteko modu bat duk. Ekintza mordoa egiten ditiagu, baketsuak denak, baina dirua behar diagu hainbat gauza ordaintzeko, propaganda egiteko, kasu. JULEN.- Eta hori guztia zertarako? GAZTEA.- Mundu berria sortu nahi diagu. Guztiok aukera berdinekin bizitzeko. JULEN.- (Bere buruari marmarrean.) Zakurraren putza. (Lehor.) Ez, uste dut ez dudala ulertzen. ZAHARRA.- (Bere buruari.) Banengoen ba ni, arazoak emango zituela mukizu honek. (Sortu den eztabaida txikia baretu nahian, inora eramango ez dituela ikusita.) Mutiko, ez zizkioagu edonori gauzak kentzen, soberan dutenei bakarrik. So-be-ran. Bai? Ulertu duk? Gaur etxe honetatik eramaten dugun guztiaren bi pare erosiko duzue bihar. Ez da hala, esan, ez da hala? JULEN.- Ez dakit. (Pentsakor.) Bai... uste dut, ez zaizuela arrazoi pittin bat falta. Amak inolako baliorik ez duten milaka gauza erosten ditu egunero... baina, jo, ez dago ongi besteei gauzak kentzea... GAZTEA.- Ongiari eta gaizkiari balio handiegia ematen zaiek. Nork erabaki du hori guztia? Estatu globalaren ongia eta gaizkia existitzen dituk eta kito, existitzen diren arauak onartzen ditiagu hor daudelako. Baina benetan beti egon al dira hor? Eta horrela ez bada, nork asmatu zituen? Zergatik dituzue zuek horrenbeste gauza eta askok ez dute jateko ogi apur bat bera ere? Erabaki berriak nahi ditiagu, mundu berria. JULEN.- Gehiegi hitz egiten duzu. Telebistan esaten dutena ez da hori, jo, munduan gosea aspaldi desagertu zen, zuek bezalako jendearengatik existitzen dira arazo bakarrak. (Purrustaka.) Alferrak eta odolgaiztoak. (Isiltasuna.) ZAHARRA.- (Biolentziarekin ezer lortuko ez duela ikusita, tentsio uneak apurtzeko, umoretsua izaten saiatuko da.) Gainera, aberatsei osten zieagu pobreei emateko. JULEN.- (Interesaz.) Pobreei emateko? ZAHARRA.- Noski. (Irribarrez.) Gu geu gaituk pobreak. (Txorakeriak eta magia jolasak eginez.) Zer duk hementxe? (Adibidez gaztetxoaren belarritik txanpona atereaz.) Tatxan, tatxan! (Zaharra barrezka hasi da ozen, beste biek elkarri begiratuko diote, azkenean barreaz kutsatuz. Gogoz egingo dute barre, bizi duten tentsioa apurtzea lortuz.) GAZTEA.- Etxeetan lortzen duguna salduz, erresistentzia aurrera zoak. Eta erresistentziak herriaren alde lan egiten dik. Ez zieagu zuzenean dirua pobreei ematen, ez diagu limosnarik eman nahi, gauzak errotik alda nahi ditiagu. Haien alde lan egiten ari gaituk, haien eskubideen alde, ahotsik ez duten horien guztien alde. JULEN.- Jo, esaten duzun hainbat kontuk zentzua badu, baina... baina ez dut gustuko besteei gauzak kentzea, ez dago ongi. (Sortu den egoerarekin bukatu nahi duela.) Hala ere, hori guztia niri bost. Nahiago nuke etxetik lehenbailehen alde egingo bazenute... horregatik... eraman behar duzuen guztia... eta zoazte... ZAHARRA.- Egia duk. Erretolikak guk ere ez ditiagu gustuko, denbora galtzea duk. Baina... arazotxo bat zagok. JULEN.- Arazoa? Zein arazo? GAZTEA.- Etxe inteligente honek zuloa itxi egin dik. Eta ezin gaituk irten. ZAHARRA.- Preso gaudek etxe ultramoderno zikin honetan. JULEN.- (Hemendik aurrera ume ezjakinaren ahotsa jarriz.) Hau da hau kalamidadea! Eta zer egin dezakegu? ZAHARRA.- Hori duk jakin nahi duguna. Esaguk oraintxe bertan, zer egin gelako atea irekitzeko. JULEN.- Baina... nik ez dakit eta... ez duzue lehen ikusi ba, ezin izan dudala ireki? Ez dakit nola irten hemendik, zeuek blokeatu dituzue segurtasun sistema guztiak. Jakin beharko zenukete nola desblokeatu, ez da ala? ZAHARRA.- (Gazteari.) Ez duk tontoa gero. JULEN.- Zerbait erabiliko zenuten, seinale eragozlea edo. ZAHARRA.- (Bere buruari.) Harrapa zak, ume mokoa! Ongi kontrolatzen dik dena azeri honek. GAZTEA.- (Juleni.) Hala duk. Baina denbora jakin baterako programatua zagok eta hemendik ezin duk aldatu, ezin desprogramatu. JULEN.- Nahi baduzue lagun zaitzaketet, nahiko abila naiz. Eskolan ikasi dugu seinale eragozleen aplikazioak eta neure kabuz ikerketak egin ditut. Eskuak askatzen badizkidazue, noski. (Elkarri begiratzen diote.) ZAHARRA.- Ez. Azkarra haiz gero. GAZTEA.- Programak ez dik aldaketarik onartzen, hik ere ezingo huke lortu. Gainera, babesik gabe geratuko gintuzkek, berehala zaindari guztiekin gainean. ZAHARRA.- (Juleni.) Kasu egiok, garun pribilegiatua duk, badaki zertaz ari den. JULEN.- (Serio.) Orduan ez dakit nola. (Isiltasuna.) GAZTEA.- Bai, baina moduren bat egon beharko dik. Ea pentsatu, zer egiten duk normalean hau gertatzen denean? JULEN.- Ba... ez dakit... hau ez da inoiz gertatu. (Ironiaz gazteari.) Ez al zinen zu ba garun pribilegiatua? ZAHARRA.- (Berriz haserre.) Ez, e? Kagoen, kokoteraino naukak. (Eskua altxatuz.) Ikusiko duk zer den hitz egitea, mukizu halakoa! (Julen izutu egingo da; dena den, biolentzia ekiditeko, gazteak zaharra geldiaraziko du eskumuturretik helduz.) GAZTEA.- (Haien artean.) Zertan zabiltza? Egon zaitez geldi. ZAHARRA.- Dedion! Gezurretan ari duk, argi zagok! GAZTEA.- Igual bai, baina horrela ez duzu ezer lortuko. ZAHARRA.- Baietz ba, neuk aterako zioat egia... ederki egurtuz. GAZTEA.- Ezetz ba, Joe, utzi nire kontu. (Entzuten ez ditugun hitz batzuk izan ondoren, zaharra konbentzituta alde batean geratuko da eta gaztea Julenengana joango da, bere ondoan eseriz.) GAZTEA.- Lasai, lagunak gaituk, ezta? (Julenek erantzuten ez diola ikusita, eskumuturrak askatzeari ekingo dio poliki-poliki.) Marka gorriak izango dituk eskumuturretan, baina bi egunen buruan desagertuko zaizkik, aztarnarik utzi gabe. (Behin askatuta.) Hobe horrela? Bai, ezta? (Julenek baietz esango du buruaz, mindutako eskumuturrak laztantzen dituen bitartean.) Esan bezala ez diagu minik eman nahi, horregatik laguntzea nahiko genikek. Ezin gaituk hemen egun osoan egon, azkenean norbait etorriko duk eta ordurako guk alde egin behar diagu. JULEN.- Jo, ez dizut esan ba... GAZTEA.- Lagunak gaituk, ez hitz egin zuka, mesedez. JULEN.- (Zalantzati hasieran, azkenean lagun bezala hitz egiten saiatuz.) Ez dizut... ez diat esan ba, ez dakidala nola... GAZTEA.- (Polizia onaren papera hartzen duela.) ...pentsatu, behintzat, pentsatu. Informatiko bikaina haizela zakiagu, bideojokoak sortzen dituala eta domotika eguneroko gauza duk hiretzat. (Julenek miresmen harriduraz begiratzen du.) Agian seinaleena erabiltzen badakik, baina beste modu bat egongo duk, seguru. Neuk igual asmatuko nikek, baina denbora gehiago erabilita. Gainera etxea guk baino hobe ezagutzen duk, ia beti bakarrik hago, ataka askotatik inoren laguntzarik gabe ateratzen jakingo duk. JULEN.- (Pentsakor.) Jo, helduak bezala hitz egiten duk. (Bere onera bueltatuz.) Nola dakizue hori guztia? GAZTEA.- Hilabete egon gaituk etxea zelatatzen. JULEN.- Hara, leihorik gabeko etxea duk baina. GAZTEA.- Mila modu zaudek horretarako eta hik ere badakik; ez haiz batere tontoa, horrelakorik entzungo huen inoiz? (Julenek aurpegiaz ezjakintasuna adierazten duela.) Gauza asko zakizkiagu, bai, baina horrek ez dik axola orain. Hemendik atera behar diagu lehenbailehen. Esan, zer egingo huke hik bakarrik egonda, etxeko sistema guztiak hondatuko balira? JULEN.- Ez zakiat... negar egin? ZAHARRA.- (Bere buruari.) Harrapa zak! GAZTEA.- Bai, ados, eta gero? JULEN.- Ohean sartu eta norbait etorri arte itxaron? ZAHARRA.- To eta no! Honek ez dik funtzionatzen! GAZTEA.- (Zaharrari.) Ixo! ZAHARRA.- Ongi, hire kontu. Baina larri ibili. Bitartean musika entzungo diat, Maria Callas, jainkosa. (Entzungailu batzuk aterako zaizkio automatikoki belarrietatik eta mutikoak dauden beste muturrera joango da musika entzutera, besteen elkarrizketei kasurik egin gabe.) Ez zagok opera abeslari hoberik! (Bi mutikoen artean isiltasuna egingo da.) JULEN.- Hire aita nahiko berezia duk: kristoren astakiloa, baina gero opera entzutea gustuko dik! Gaur egun ikusi beharrekoak ere... (Irribarrea aurpegian duela.) Benetan tipo xelebrea! Ez duk, uste bezain... GAZTEA.- (Eteten duela.) Nire aita? JULEN.- (Bere burua zuritu nahian, esan duena gazteak gaizki hartuko duen beldur da eta.) Astakiloarena... hitz egiteko modu bat besterik ez duk... asmo txarrik gabekoa... ze, ez diat ukabilkadarengatik bakarrik esaten, zera... beno... ez gaizki hartu gero... baina, Joe... Joeren jarrera gehienak oso oldarkorrak dituk... e... gauzak beti indarrez lortzen ditik... uste diat... ez?... hala ere... ez haserretu... nik... GAZTEA.- Joe? (Barrezka hasiko da.) JULEN.- Tipoa txistosua ere bada... baina orain... zergatik egiten duk barre? Ez diat ezer ulertzen. Ez dik grazia izpirik, inondik inora. GAZTEA.- Ba, badu, bai. Joe? Nire aita? (Barreari ezin eutsiz hizketan hasiko da.) Nola izango nauk astakirten horren semea, ba? Ez diat gauza barregarriagorik sekula entzun. Animalipuska horrena? JULEN.- Ez da hire aita? (Gazteak ezetz esango dio buruaz.) Barkatu, baina hain gaztea izanik, uste nian familiaren kontua zela. GAZTEA.- Belearen kumea, belakumea. Bai, noski. (Irribarretsu.) Benetan pentsatzen huen etxeak hustera familia osoa elkarrekin joaten ginela? Behinolako mafiak bezala edo kriminal sagen moduan? Amona, zigarroa ahoan, armaz josirik kalean gure zain zegoela uste al huen? JULEN.- (Zalantzati.) Bai? GAZTEA.- Ba, EZ. Zibertelebista gehiegi ikusi duk, mutiko. (Barre egiteari utziko dio batbatean.) Gainera, aspaldi bete nitian hemezortzi urte, neure kabuz egin zitzakeat gauzak familiarekin kontatu gabe. JULEN.- Bai, zera! Hemezortzi, hik? GAZTEA.- Jakina! JULEN.- (Zalantzarik gabe.) Ez, askoz gazteagoa haiz. GAZTEA.- Ezetz ba, gazteagoa ematen diat baina hemezortzi urte ditiat. JULEN.- (Irribarretsu.) Heuk esaten baduk. GAZTEA.- Nola? Ez duk sinesten? (Julenek ezetz esango du buruaz.) Ados, hamazazpi urte ditiat. Pozik? Hamazazpi. (Julenek ez du ezer esango baina begietara begiratuko dio irribarrez.) GAZTEA.- Hamabost eta utz dezagun gaia. JULEN.- Ia nire adinekoa, esaten nian ba nik. Ados. Nola bukatzen du hamabost urteko batek, alproja horrekin alde batetik bestera? 31 GAZTEA.- Joe? Ez duk tipo gaiztoa, pentsatu gabe egiten ditik gauzak... gauza gehienak, bai... baina ez duk tipo gaiztoa. JULEN.- Izan daitekek. Hire gurasoek zer diote? Nola onar dezakete, horren gaztea izanik, erresistentziaren izenean lan egitea? GAZTEA.- Ez diat gurasorik. Aspaldi galdu nitian. (Isilunea.) JULEN.- Barkatu, ez nekian. GAZTEA.- Ez dik inporta. (Berak istorioa kontatzearekin batera, gaztearen oroitzapena ikusiko dugu itzaleko txotxongiloez adierazia.) GAZTEA.- Txikia ninduan hil zirenean, estatu globalak eskaintzen zian gala festarako bidean auto-istripua izan genian. Ez diat gehiegi gogoratzen. Modako azkeneko kotxea zeramatean abiadura bizian; herrialdeko ziberautopista garrantzitsuenetik zihoazela, bihurgune arriskutsu batean autoa labaindu egin zuan eta estatu globalak landatutako zuhaitz metaliko berrien kontra egin genian talka. Eskultore famatu batek sortutako zuhaitz hidrauliko zatar horiek. Zeharo birrinduta aurkitu zitean autoa eta neu bakarrik atera ninduan bizirik istriputik. (Kopeta seinalatuz.) Hemen dudan orbaina horren seinale duk. Estatu globalak barnetegira bidali nindian ospitaletik atera bezain laster, gurasoen diruaren jabe izateko seguru asko. Aste batzuk geroago ihes egin nian irakasle globalen kolpeez nazkatuta eta, erresistentziarengatik izan ez balitz, hotzaz hilda egongo ninduan hiriko edozein bazterretan. (Itzaleko txotxongiloak desagertuko dira.) Joe zaintzaile izan diat urte hauetan, guztia irakatsi zidak, berari esker nauk horrelakoa. JULEN.- Gaizkilea. GAZTEA.- Joan hadi pikutara! JULEN.- Tristea izan behar dik. GAZTEA.- (Minduta.) Ez duk nire benetako aita, ez. Baina, tristeagoa duk gurasoak izatea eta inoiz ez ikustea. JULEN.- Zer esan nahi duk, e, zer esan nahi duk? GAZTEA.- Hilabete egon gaituk hire pauso guztiak zelatatzen. JULEN.- Eta zer? GAZTEA.- Hire gurasoak gehiago arduratzen direla lanaz beren semea zaintzeaz baino. Edota aita hil zitzaian hiri ere? Ez, ezta? JULEN.- (Defentsiban jarriz.) Zer ba? GAZTEA.- Ez diagu denbora honetan guztian ikusi. JULEN.- (Haserrea eta negarraren artean.) Beti bidaiatzen zabilek. Biek lanordu luzeak egiten ditiztek. Dirua ekartzen ditek, ez ditek lapurtu behar horretarako. Ze, diru horri esker, egunero jatekoa eta zuek desiratzen duzuen etxe moderno hau diagu. Ulertzen? GAZTEA.- Eta zoriontsua haiz? JULEN.- Bai... baietz uste diat... jo, hi baino gehiago bai... GAZTEA.- Ziur? JULEN.- Ez diat hire bizitza inbidiatzen. GAZTEA.- Ezta nik hirea ere. JULEN.- Ados. GAZTEA.- Ados. (Isiltasuna haien artean.) JULEN.- Zergatik deitzen hau garun pribilegiatua? GAZTEA.- Ezergatik ez. JULEN.- Ez? Arrazoia duk, azkarregia haiz haren semea izateko. (Zaharrari entzungailuak desagertuko zaizkio.) ZAHARRA.- (Oraindik musikaren erritmoa buruaz jarraitzen segituko du irribarrea aurpegian duela.) Maria Callas, paregabea! Hau zentzuen gozamena! Ez duk hau 33 bezalako ahotsik beste inon existitu! Ezta automata abeslari sortzaile onenek ere, ez ditek sekula parekorik lortu. (Mutiko biak isilik ikusiko ditu, bakoitza alde batera begira muturtuta.) Eta zuek zer duzue? (Gazteari.) Michael, ez diagu ezer lortu, ezta? (Gazteak ez du erantzungo.) Txikito, erantzun, kontxo! GAZTEA.- Ez, ez daki ezer. Nahiko tontolapikoa da. JULEN.- Tontolapikoa ni? Ba, agian bazakiat hemendik ateratzeko modua. GAZTEA.- A, bai? JULEN.- Ba, bai. GAZTEA.- Ez diat sinesten, ez dakik ezer. JULEN.- (Erresuminduta.) Ba, oso erraza duk. Jakin beharko huke nola irten hemendik garun pribilegiatua izanik. Etxe inteligente guztiek milaka akats ditiztek, gizakiok perfektuak direla uste dugun arren. Eta neuk primeran ezagutzen ditiat etxe honek dituen akats guztiak. Lehenengoa... (Beste biei begira.) Harrapatu nauzue, ezta? Hau zuan lortu nahi zenutena, ni amorraraztea egia esan arte. (Besteek ezer esan gabe irribarre egiten dutela ikusita, jarrera aldatuko du serio eta kopetilun jarriz.) Ados, erakutsiko dizuet etxeak askotan sortzen dituen arazoak eta non dituen matxura edo zauri guztiak. Metalezko animalien zauriak. Zirrikitu horiek aztertuz lortuko diagu gela honetatik ateratzea zaindariak etorri baino lehen. Baina, lehenengo hankak askatu beharko dizkidazue. Zer diozue? (Biek elkarri begiratuz, baietz esango dute buruaz.) ZAHARRA.- Ados, baina ez saiatu guri ziria sartzen gero! III JULEN.- Ados, erakutsiko dizuet etxeak askotan sortzen dituen arazoak eta non dituen matxura edo zauri guztiak. Metalezko animalien zauriak. Zirrikitu horiek aztertuz lortuko diagu gela honetatik ateratzea zaindariak etorri baino lehen. Baina, lehenengo hankak askatu beharko dizkidazue. Zer diozue? (Biek elkarri begiratuz, baietz esango dute buruaz.) ZAHARRA.- Ados, baina ez saiatu guri ziria sartzen gero! (Gazteak hankak askatuko dizkio Juleni eta honek hankak luzatuko ditu esfortzu handia eginez, minduta ditu eta.) ZAHARRA.- Eta? JULEN.- Lasai, hainbat froga egin behar ditiagu. ZAHARRA.- Lasai, e? JULEN- Atea bere kabuz ez duk irekiko, arriskuak sumatzeko programatuta zagok, seinale eragozle guztien gainetik zaukak bere sena. ZAHARRA.- Sena? Zer diok? Erotu al haiz? Etxe batek? GAZTEA.- Isilik, kontxo! Jarraizak, mesedez. ZAHARRA.- Ongi duk. JULEN.- Etxea lasaitzen saiatu behar diagu, tentsioaren bibrazioak sentitzen ditik eta tentsio horren eraginez gotorleku saihestezina bihurtzen duk. Arriskurik ez dagoenean gure aginduak obedituko ditik. ZAHARRA.- Adarra jotzen ari haiz. GAZTEA.- (Zaharrari.) Ez. Egia esaten ari dela uste dut. (Hitz egiten duen bitartean zerbait oroituko balu bezala jokatuko du, garuneko beste nonbaitetik informazioa etorri izan balitzaio bezala.) Duela urte batzuk zientifikoak ordenagailuen aurrerapenetan ikertzen zebiltzaan, eta orduan konturatu zituan, ia nahigabe, zertan huts egiten zitean. Makinak oso azkarrak zituan, askotan gizakiok baino gehiago... baina oraindik ez zitiztean gizakiok adina abilidade. Makinok ez zitean ez sentimendurik ez instinturik; ezaugarri horiek egoera askotan menderaezinak egiten zitiztean arren, beste askotan gizakiaren aurrean ahulak bilakatzen zituan. Horregatik pentsatu zitean, zer gertatuko zatekeen makinak amodioa edo tristura sentitzeko gai balira? ZAHARRA.- Hori alukeria galanta! Geuk egiten ditugun akats eta kontraesan mordo batean sartuko liratekeela, elkarren artean suntsituz. GAZTEA.- Hori bera pentsatu zitean zientifikoek, orduan hurrengo galdera egin ziotean euren buruei. ZAHARRA.- Botazak behingoz! JULEN.- (Irrikaz.) Bai, esan. GAZTEA.- Honako ideia bururatu zitzaiean: eta sentimenduak izatearen onurak aprobetxatuz, hauek egoera guztietan kontrolatzeko gai balira? Adibidez, maitasuna zer den sentitzea, baina ekarri ohi dituen eraginak kontrolatu ahal izatea. Azken finean, makinak lituzkek. ZAHARRA.- Hara, ez duk berria hori, betidanik soldaduei exijitu zaien ezaugarria. (Ahots sendoa jarriz kapitain moduko bat imitatuz.) Burua hotz mantendu behar duzue egoera guztietan! (Berriro bere ahotsaz.) Dedion! JULEN.- (Pixkanaka gauzak ulertuz joango balitz bezala.) Baina soldaduak ez dituk sekula makinak bezain perfektuak izango. GAZTEA.- Egia duk, Julen. Baina ez hori bakarrik. Zer gertatuko litzateke makinak dena aurreikusteko gai izango balira? Instintua, bihozkadak edota inspirazioa menderatzeko errekurtsoak izango balituzte? ZAHARRA.- Esaten ari zaretenaren erdia ere ez diat ulertzen. JULEN.- Jo, gizakiok baino boteretsuagoak izango liratekeela. (Isilunea.) ZAHARRA.- Baina hori ez duk gertatu. Eta ez duk sekula gertatuko, ezinezkoa duk. Kontu txoroekin beste bati. JULEN.- (Gazteari.) Benetan tipo azkarra haiz. ZAHARRA.- Gainera, kontraesanez betea zagok hire diskurtsoa, txikito. Bata bestearen atzetik. Nola nahas daitezke sentimenduak eta matematika bezalako zientzia zehatz eta hotza. (Eskuarekin bere kopetan hiruzpalau kolpetxo emanez.) Ez duk ikusten sekulako ergelkeria dela? GAZTEA.- Uste duana baino gehiago ulertu duk, Joe, hori izan duk zientifiko eta ikerlari hauek gainditu beharreko atakarik sendoena. JULEN.- Eta lortu dute? GAZTEA.- (Orain arte kontatutako istorioa bukatu izan balitz bezala.) Bada, ez zakiat. Ikerkuntza gehienak ez dituk publiko egin, pixkanaka sartuz joan dituk ezaugarri horiek asmakuntza berrietan. Jendeak normaltzat hartuko ditik urte batzuen buruan. Kontrola nagusi izango duk, baina jendea zoriontsua izango duk bere etxeetan arazorik ez duen bitartean. JULEN.- Ez nian sekula horrelako gauzetan pentsatu. Orain ulertzen diat garun pribilegiatuarena, benetan tipo argia haiz. ZAHARRA.- Makina guztiak suntsitu behar ditiagu, beraz. GAZTEA.- Ez izan astakiloa! JULEN.- Teknikaren aurka joateak ez dik inolako zentzurik. Hori ez duk bidea, gure esku diagu aukera anitzeko mundua. GAZTEA.- Arrazoia duk, teknologia berri guztiak baliagarriak dituk, baina ongi erabiltzen baditugu, noski. ZAHARRA.- (Nazkatzen hasia dela marmarrean.) Utz ditzagun erretolikak eta goazen harira, berandutzen ari zaiguk eta. GAZTEA.- (Gelan denbora gehiegi ematen ari direla konturatuz.) Egia da. (Bai gazteak bai zaharrak Juleni begiratuko diote, eta ondoren elkarri.) ZAHARRA.- (Gogaituta.) Ados, hire kontu. Bitartean musika apurtxo bat entzungo diat... berriz ere... (Gazteak Julen, besotik helduta, gelaren albo batera eramango du, eta oraingoan hau ere bortitzagoa izango da mutikoarekin.) GAZTEA.- Lelokeriak alde batera utziko ditiagu. Joe nazkatzen hasia duk... eta baita ni ere... lehenbailehen esan behar diguk nola atera hemendik. JULEN.- Gezurra zuan dena, ezta? GAZTEA.- Gezurra? JULEN.- Gurasoena eta hori guztia. GAZTEA.- Beno... ez guztiz... Joe ez duk nire aita eta ez diat gurasorik, hori egia duk. Bestea... literatura apur bat, hire konfiantza lortu behar nian. JULEN.- Orduan aurrerantzean ezin fidatuko nauk hitaz. GAZTEA.- Hi ere jokatzen ari hintzen... denok gezurretan ari gintuan... bakoitza bere eremu estrategikoa defendatuz. (Julen muturtuta ikusirik.) Ongi duk, berriz hasiko gaituk. (Eskua luzatuz.) Markel. JULEN.- Markel? Ze, Markel eta ze puñeta? GAZTEA.- Bai, kontxo, nire benetako izena. JULEN.- A! (Eskua hartu gabe jokoa onartuz.) Bale, ni Julen nauk. GAZTEA.- (Eskua gordez.) Umezurtza nauk jaiotzez, baina ez zakiat zer gertatu zitzaien gurasoei, ez zakiat gurasoak zeintzuk ziren ere. Hamar urterekin ihes egin nian barnetegitik eta beste guztia badakik. Ez zagok besterik. Eta orain hire txanda, zeren beldur haiz? JULEN.- (Ezustean, espero ez zuen galdera bat egin diotelako.) Beldur? GAZTEA.- Argi zagok, etxe izugarri honetan bizi haiz, mundutik zeharo aldenduta, ia bakar-bakarrik, inoren bisitarik jaso gabe. Zerbaiten beldur izango haizela uste diat. Ez duk lagunik, edo? Bestela... JULEN.- (Minduta.) Bakarrik ez, milaka lagun ditiat ordenagailuaren beste aldean, egunero bidaltzen zizkioagu mezuak elkarri. Ulertu duk? Ez nagok bakarrik. GAZTEA.- Ados eta zenbatetan geratzen zarete bueltatxo bat emateko? JULEN.- Erotuta al hago? Inor ez duk “bueltatxo” bat ematera irteten, ze garaitan bizi haiz? Kaleak arriskutsuak dituk. GAZTEA.- Benetan? JULEN.- Zuek bezalako gaizkileak zaudek leku guztietatik. GAZTEA.- Baina, telebistan ez ditek hori esaten, egoera kontrolatuta... JULEN.- Telebistan ez ditiztek gauza asko esaten... GAZTEA.- Argi zagok. JULEN.- Sarean ordea... GAZTEA.- Sarean? Ados. Orduan sarean esaten dutena sinesgarriagoa duk, ongi, orduan sarean kalera ez irteteko agindu diate. JULEN.- (Sututa.) Agindu? Inork ez zidak ezer agindu. Dena nahasten duk. GAZTEA.- Ez, ez duk hori. Jatorra haiz, horregatik amorratzen naik manipulazioaren erabilpena, kaleak arriskutsuak badira, hire ustea izan behar dik eta ez beste inorena. Hik heuk konprobatu behar duk. (Isiltasuna.) GAZTEA.- (Berriz eskua luzatuz.) Benga, lagunak? (Julenek, hasieran zalantzati, azkenean eskua hartuko dio, baina gazteak besarkada emango dio. Julen aztoratuta.) GAZTEA.- (Julenen aurpegi serioa ikusita.) Zer duk? JULEN.- Ez, ezer ez. Besarkada... GAZTEA.- A, barkatu, erresistentzian guztiok ematen zioagu elkarri. Batzuetan musu ere. Bazakiat jende guztiari ez zaiola gustatzen, baina ahaztu egiten zaidak hori. JULEN.- Aspaldi ez nindian inork besarkatu. GAZTEA.- (Ezin duela sinetsi Julenek dioena.) Txantxetan ari haiz, ala? Gurasoek besarkadak emateko ohitura ditek, ezta? Ez... ta? (Bat-batean esan duenaz oharturik, seguruenik hanka sartu duela konturatu da, eta gaiaz aldatzen saiatuko da.) Beno, beno, sekretu bat kontatuko diat, ados? JULEN.- Sekretua? Bai... noski... ados. GAZTEA.- Kontatuko diat baina ezin diok ezer esan Joeri. Zin egiten didak? JULEN.- Baina, zergatik? Zer kontatu behar didak, ba? GAZTEA.- Zin egiten didak, bai ala ez? JULEN.- Ados, zin egiten diat. GAZTEA.- Ni... ez diok ezer esango, ezta? JULEN.- Jo, ezetz ba, esan behingoz. GAZTEA.- Beno, hitaz fida naitekeela uste diat... hau nire azkeneko lapurreta izango duk, utziko zioat etxeetan indarrez sartzeari. (Julenen sinesgogor aurpegia ikusita.) Bai, benetan esaten diat. Nekatu nauk hau guztiaz, erresistentziaren ideiekin bat natorrek, hori ezin diat ukatu; baina ez zaidak gustatzen gauzak egiteko duten modua. Bide berriak jorratu beharko genituzkeela uste diat. JULEN.- Eta zer egingo duk? Heure lapur enpresa sortu? Oso gaztea haiz. (Erdi barrezka.) Hemezortzi urte besterik ez. GAZTEA.- (Irribarrea aurpegian duela.) Bidaiatu nahi diat, mundua ezagutu eta beste lekuetan gauzak nola egiten dituzten ikusi nahi diat. Mundua aldatu nahi badut, ongi ezagutu beharko diat, ez duk uste? JULEN.- Hara, ez duk ideia txarra. GAZTEA.- Bai, baina horretarako hemendik atera beharko diagu lehenbailehen. JULEN.- (Zalantza batzuk gainditu eta gero.) Konbentzitu nauk. Hemendik irteten lagunduko dizuet... GAZTEA.- (Barrezka eta oihuka.) Oso ongi! Benetan eskertzen diat. JULEN.- Eta nola egingo duk ondoren? Dirua beharko duk eta erresistentziatik alde egitea ez duk horren erraza izango. GAZTEA.- (Berriz berera hitz egiten.) Hik esan bezala, ez badaukat dirurik ezingo diat alde egin eta beti geratu beharko diat hemen... eta... JULEN.- Eta? GAZTEA.- Hire gurasoek... beren logelan edo... JULEN.- Zer? Zer esan nahi duk? GAZTEA.- Aberatsak zarete eta pentsatu diat... JULEN.- Ezta okurritu ere. Zer uste duk hik? Ez nauk tontoa. GAZTEA.- Mesedez... lagunak ginela uste nian. JULEN.- (Muturtuta.) Ez diagu apenas elkar ezagutzen. GAZTEA.- Baina nire sekretua kontatu diat. JULEN.- Eta zer? Nola dakit ez haizela engainatzen ari? Berriz ere. Zenbatetan erabiliko huen laguntasunaren trikimailua hire helburuak lortzeko. GAZTEA.- Hori ez duk egia. JULEN.- Edo ama bat behar duen haurraren papera edota gaztetxo galduarena. Lehen gezurretan ibili haiz, zergatik izan beharko luke orain egia? GAZTEA.- Mundua aldatu nahi dudalako eta horretarako hire laguntza behar dudalako. JULEN.- Gezurtia halakoa. GAZTEA.- (Aurpegia malkotan duela.) Min ematen ari haiz, munstroa naizela zirudik. Gaiztoa haiz benetan! JULEN.- Hi haiz nire etxera bortxaz sartu dena, zer pentsatu behar diat ba. GAZTEA.- (Negarrez jarraitzen du.) Eta hi hire bizitzan nahi duen guztia lortuko duen haurtxoa haiz. Hire gurasoen arreta izan ezik. JULEN.- Hoa pikutara! Eskale zarpailtsu alaena! (Isiltasuna.) JULEN.- (Mukizapi bat emanez.) Hartzak. (Damututa oraingoan.) Barkazak, ez nian hori esan nahi. GAZTEA.- Ez duk ezer, ni ere urduri jarri nauk. (Isiltasuna.) JULEN.- Besteen gustukoa ez izatea. GAZTEA.- Barkatu? JULEN.- Horren beldur nauk, besteen gustukoa ez izatearen beldur. Kaleak arriskutsuak izatea ez duk etxean geratzeko arrazoia, aitzakia baizik; ez nauk kalera irteten, jendearen gustukoa ez izatearen beldur naizelako. Neure buruaz barre egingo duten beldur edota baztertuko nauten beldur. Sarean gauzak errazagoak dituk, ez zagok lotsarik eta jendea jatorra duk, ezer eskatu gabe trukean. GAZTEA.- Baina, benetako ezer eman gabe. (Isilunea.) JULEN.- Oso bakarrik sentitzen nauk, bai. Orain hik ere badakik nire sekretua. (Isilunea.) JULEN.- (Erabakia hartuta.) E... dirua nola lortu kontatuko diat. GAZTEA.- Ez, ez duk beharrezkoa, ez dik inporta. Hemendik ateratzearekin nahikoa izango dugula uste diat. JULEN.- Ez zaukaat ezer galtzekorik... espero diat ez damutzea. GAZTEA.- (Pozik berriz ere.) Eskerrik asko. Ez haiz damutuko, zin degiat Julen. JULEN.- Etxeko tramankulu teknologikoak eramatea ez dik merezi, balioa galtzen ditek estreinatu eta berehala. Begira Markel, gurasoek etxean dauzkaten baliozko gauza gehienak diru-kutxa zahar batean gordetzen ditiztek. (Burlati.) Nahiko antigoalekoak dituk aiton-amonak. Ez zakiat zehatz-mehatz zer egongo den bertan, ez diat aspaldi barrukoa ikusi, baina diru-birtuala egongo dela imajinatzen diat. Normalean, aitaren begiaren irisarekin edo amaren hatz markarekin irekitzen duk kutxa... GAZTEA.- Jai diagu, orduan! Hire aitaren begia edo amaren hatza beharko genikek irekitzeko! Eta nik dakidala... JULEN.- Lasai, normalean bai. Baina esan diadan bezala kutxa nahiko zaharra duk eta bazagok beste modu bat irekitzeko. GAZTEA.- Esan, esan... JULEN.- Hitaz fida naiteke? GAZTEA.- Zin degiat. JULEN.- Bai, ados. Kode sekretua dik... hauxe duk: D-I-R-U-A6565. Ongi ulertu duk? Nonbaiten idatziko diat. GAZTEA.- Ez duk beharrezkoa, memoria ona zaukaat. Eskerrik asko, baina oraindik ez zakiagu nola atera gela honetatik. JULEN.- Oso erraza. Gela batetik bestera joateko “burbuila” existitzen duk. GAZTEA.- Zer? Burbuila? JULEN.- Ez zakiat programa ezagutuko duan, baina etxe hauek diseinatu zituztenean gelaz gela komunikatzeko kapsula moduko batzuk sortu zitiztean. Bakarrik ez-ohiko egoeratan erabiltzekoak. Ez nizuen ezer esan behar, azkenean zaindariak etorriko zirelakoan, baina tratua egin dugunez... GAZTEA.- Burbuila? Txantxetan ari haiz, ala? JULEN.- Ezetz ba. GAZTEA.- Eta non zagok kapsula edo burbuila hori? JULEN.- Paretatik ateratzen duk, nik bi txalo jotakoan. GAZTEA.- Bai, zera! (Sinesgogor, bi txalo jotzen ditu.) Ez duk ezer gertatzen. (Beste bi eta beste bi eta beste bi txalo joko ditu.) Ikusten? Ez badidak esaten hemendik nola atera, neure kabuz topatuko diat modua, besterik ez nian falta. (Pareta gardena aztertzen eta ukitzen hasiko da. Bere golkorako.) Material berezia duk, polikarbonato baten antza dik, baina garatuagoa... JULEN.- Hire txaloekin ez duk ezer lortuko, ez diate nire txaloen frekuentzia bera eta. GAZTEA.- (Juleni harridura aurpegiz begiratuz.) Hara! Zer esan nahi duk? JULEN.- Begira ezak. (Julenek bi txalo joko ditu eta pareta ireki egingo da igogailu forma borobileko gelaxka bat sortuz.) Hemen duk. GAZTEA.- (Kanpotik burbuila begiratuz, begiak zabal-zabalik dituela.) Zoragarria. Ez nian sekula horrelakorik imajinatu. JULEN.- Ez, ezta? Orain lehenbailehen alde egin behar duzue. GAZTEA.- Zoragarria duk! JULEN.- Bai, egia, asmakuntza bikaina larrialdietarako... baina berandu baino lehen hemendik atera behar duzue, frekuentzia eragozleak ez dik betiko funtzionamendua ziurtatzen. Denbora mugatua duzue. GAZTEA.- Zoragarria duk! JULEN.- Ene, zein astuna haizen! GAZTEA.- (Mekanikoki.) Zoragarria duk! Zoragarria duk! Zoragarria duk! JULEN.- Gogaikarria haiz gero. GAZTEA.- Zo... ra... zo... ra... gga....rria. JULEN.- Markel zer duk? Ongi al hago? (Gaztearen aurpegi arraroa ikusita.) Izutzen hasi nauk... Utz itzak txantxak! (Gaztea isil-isilik eta geldirik geratuko da.) IV GAZTEA.- (Mekanikoki.) Zoragarria duk! Zoragarria duk! Zoragarria duk! JULEN.- Gogaikarria haiz gero. GAZTEA.- Zo... ra... zo... ra... gga....rria. JULEN.- Markel zer duk? Ongi al hago? (Gaztearen aurpegi arraroa ikusita.) Izutzen hasi nauk... Utz itzak txantxak! (Gaztea isil-isilik eta geldirik geratuko da. Une berean zaharraren belarrietatik aurikularrak desagertuko dira eta irribarretsu bi mutikoak begiratuko ditu. Orain arte astakiloa zirudien tipoaren keinua aldatu da: beste gizon bat dirudi, astakiloaren jarrera aldatu da eta gizon ikasia eta azkarra ematen du. ) ZAHARRA.- (Bi mutikoak dauden lekura doa eta gazteari ilea laztantzen dio.) Primeran bete duzu lana, txikito. JULEN.- Beste engainu bat, tonto hutsa nauk. ZAHARRA.- Tonto samarra... bai. JULEN.- (Gaztea seinalatuz.) Tipo ziztrin honek engainatu naik, neure konfiantza osoa eskaini eta... (Julen gaztea kolpatzera doa, baina zaharrak heltzen dio.) Utz nazak bakean, muturrekoa eman behar zioat. ZAHARRA.- Lasai, lasai (Juleni alde batera bultzatuz. ) Egon zaitez lasai behingoz! Txikitok ez zaitu engainatu. JULEN.- Gezur pila esan zidak eta! ZAHARRA.- Hori ez da egia. Eta hitz egidazu errespetuz, mesedez. JULEN.- (Aztoratuta.) Bai, barkatu Joe. ZAHARRA.- Zuretzat, jauna. JULEN.- (Ezer ulertu ezinik.) Bai, barkatu... jauna. ZAHARRA.- Oso ongi, gaztetxo hauei ez dakit zer irakasten dieten eskoletan, helduei hitz egiten ere ez dakite. Garai batean hezkuntza egokia jasotzen genuen, bai, oraingoa ez bezalakoa. (Geldi-geldirik dagoen gaztearen aurpegia altxatuz.) Mukizu, lagun bat aurkeztu nahi dizut. MARKELXXXP31. JULEN.- (Harridura ezin disimulatuz.) Robota! ZAHARRA.- Hitz itsusia nire ustez, androide edota automata izena nahiago dugu. JULEN.- Benetako pertsona bat dirudi. ZAHARRA.- Bai, ezta? (Irribarretsu.) Pozten naiz zuk ere gauza bera uste izatea, hori da helburuetako bat, eta argi dago lortu dugula. Baina, zoritxarrez oraindik prototipoa besterik ez da. Bateria kargatu gabe denbora luzean esna irautea kosta egiten zaio; hala ere, kasu honetan geure helburuak lortzeko nahikoa izan dela uste dut. (Ahotsa jaitsiz, Juleni sekretu bat kontatzera joango balitz bezala.) Gure artean, bateriarik behar ez duen MARKELXXXP32 sortzen ari gara momentu honetan. JULEN.- (Ezin sinetsita dagoela oraindik.) Robota! ZAHARRA.- Gezurrak esan ditzakeen makina, sentimenduak izan ditzakeena. JULEN.- Mundua konkistatuko duen arraza berria. Dena gezurra eta nik robot baten hitz gezurtiak sinetsita, bere lagun bihurtu naizela sinetsita. ZAHARRA.- Bai eta ez. MARKELXXXP31 edozein egoeratara moldatzeko programatuta dago, zure lagun izan zitekeen haur baten itxura eta pentsamenduak instalatu dizkiogu, besterik ez. Baina berak ez daki, berak ez daki makina bat denik, berak 15 urteko gaztetxoa dela uste du. Txikito ezizenaz ezaguna gure zientifiko taldearen artean. Istorio osoa sortzen dugu dena sinesgarriagoa izan dadin, Markelek berak sinesten badu, nola ez dute ba besteek sinistuko, bada. Hala ere, nik zuen elkarrizketa guztiak jarraitu ditut aurikularren bidez, bere gorputzera konektatuta dauden mekanismo batzuei esker. Badaezpada, badakizu. JULEN.- Orduan, makinak esandakoa... ZAHARRA.- Bai, benetan taldetik alde egin nahi duela uste du. Emozioak ditu eta aske izateko gogoa, baina hori guztia esateko programatuta dago. Berak esandako guztia gidoi hutsa da, talde oso batek lan egiten du horretan. JULEN.- Eta nolatan mundu berri bat nahi duzuela aldarrikatzen duzuenok erabil ditzakezue horren estrategia zikinak, erresistentzia babesten duen jendea engainatzen ari zarete. ZAHARRA.- Erresistentzia? Ze erresistentzia? Estatu globalarentzat lan egiten dugu, zientifiko talde handia gara. JULEN.- Zientifikoak? Ezin dut ezer sinetsi. Hau amesgaiztoa da! Esnatu, Julen, esnatu zaitez behingoz. (Ume bat bezala purrustaka hasiko da, aurpegian zaplazteko batzuk emango dizkio bere buruari, baina ezer aldatu ez dela ikusita galderak egiten jarraituko du nekaezin.) JULEN.- Zertarako sartuko lirateke zientifiko batzuk jendearen etxeetan lapurtzera? Are gehiago estatu globalarentzat lan egiten baduzue, ezerk ez du zentzurik. ZAHARRA.- Geure helburua ez da lapurreta, jendea beldurtzeko kontratatzen gaituzte; zenbat eta delitu gehiago egon, orduan eta babes polizial handiagoa eskatuko du jendeak. Jendartea kontrolatuagoa izango dugu modu honetan. Zure kasuan hainbat ezusteko jaso ditugu, espero ez genituen zenbait eragozpen, baina arazoa nahiko ongi kudeatu dugula uste dut. Markelen benetako identitatea ezagutu aurretik hemendik nola atera eta zure gurasoen dirua nola lortu aitortu diguzu. JULEN.- Eta zientifikoak lan hauetan... Zergatik ez du beste edonork egiten? ZAHARRA.- Markelen prototipoa oraindik oso delikatua da, ezin du edonork maneiatu. JULEN.- Eta zertarako kendu nahi dio estatu globalak dirua jendeari? Dena sinesgaitza da, oso arraroa. Ez dut ulertzen. ZAHARRA.- Esan bezala lapurreta ez da helburua; baina, bide batez, estatua aberasteko beste modu bat da. Gero eta aberatsagoa eta herria gero eta kontrolatuagoa. Berez, negozio handia egiten du poliziak atxilotuei konfiskatutako ordenagailuekin; gurea, etekinak lortzeko beste modu bat besterik ez da. JULEN.- (Eskuak buruan dituela, begiak ireki-irekiak.) Eta erresistentziak zer egiten du? Ez du ezer egiten? ZAHARRA.- Ez duk benetako erresistentziarik existitzen. JULEN.- (Ezin sinetsita.) Baina egunero haien berri ematen dute telebistan eta ziberegunkarietan. (Zaharraren irribarre maltzurra ikusita.) Dena gezurra... Eta hemen gertatu dena kontatuko banu? Komunikabideetara joango banintz? ZAHARRA.- Eta nork sinistuko luke? (Isiltasuna.) JULEN.- (Zurbil.) Mesedez, zoazte hemendik lehenbailehen, badakizue irteteko eta dirua lortzeko zer egin behar den. ZAHARRA.- Bai, bai, baina aurretik txikitori bateria aldatu behar diot, ezinbestekoa da. (Apenas ikus daitekeen zer edo zer aterako du poltsikotik.) Eta nire lekura bueltatuko naiz, oraindik ez dakigu zer gerta daitekeen Markeltxok makina bat dela deskubritzen badu. Horiek jorratu beharreko hurrengo erronkak izango dira. Bateria bukatu aurretiko egoerara bueltatuko gara. Prest? (Julenek sorbaldak altxatuz axolagabekeria adierazi nahi duen keinua egingo du, ez du jada ezer galtzeko.) ZAHARRA.- Primeran, ba. (Une batez pentsatuz.) Badakizu? Etorkizun hurbil batean oso zientifiko ona izan ahal zarela uste dut, eta estatu globalarentzat lan egin, benetan esaten dizut. (Zaharrak zerbait aldatuko du gaztearen bizkarrean eta bere lekura bueltatuko da, Markel buruan berriz laztandu ondoren. Gaztea hasieran mugimendu mekanikoak egin arren, azkenean lehengo egoerara bueltatuko da.) GAZTEA.- Zoragarria duk! V ZAHARRA.- Bateria bukatu aurretiko egoerara bueltatuko gara. Prest? (Julenek sorbaldak altxatuz axolagabekeria adierazi nahi duen keinua egiten du, ez du jada ezer galtzeko .) ZAHARRA.- Primeran, ba. (Une batez pentsatuz.) Badakizu? Etorkizun hurbil batean oso zientifiko ona izan ahal zarela uste dut, eta estatu globalarentzat lan egin, benetan esaten dizut. (Zaharrak zerbait aldatzen du gaztearen bizkarrean eta bere lekura bueltatuko da, Markel buruan berriz laztandu ondoren. Gaztea hasieran mugimendu mekanikoak egin arren, azkenean lehengo egoerara bueltatuko da.) GAZTEA.- Zoragarria duk! JULEN.- (Zurbil eta serio.) Bai, ezta? GAZTEA.- Primeran. Baina nola funtzionatzen du honek? JULEN.- Oso erraza duk, bertan sartu eta nire beste bi txaloei esker, etxeko beste puntan agertuko zarete derrepentean. Behar duzuen guztia hartu eta trankil-trankil atera ahalko zarete ate nagusitik, inork eragozpenik jarri gabe. GAZTEA.- (Julen besarkatzera doala.) Eskerrik asko! JULEN.- (Serio.) Ez mesedez, besarkadarik ez. GAZTEA.- Nahi duana, orain disimulatu, Joek engainatu haudala uste behar dik. Itxurak egingo ditiagu, ados? JULEN.- Nola ez. GAZTEA.- (Zaharrari ahots ozenez.) Joe, lortu diat. Informazio guztia atera zioat. JULEN.- (Haserre ahotsa jarri nahian.) Txerri halakoak! ZAHARRA.- (Pozaren pozez bere lekutik.) Oso ongi txikito! GAZTEA.- (Juleni) Ez esan kontatu diadana, bai? JULEN.- Zin degiat. (Zaharra beraiengana hurbildu da.) ZAHARRA.- Zer ari zarete sekretupean? GAZTEA.- Ezertan ez, Joe. Poliziari ezer ez kontatzeko esan zioat, eskarmentua ematera etorriko gaituk bestela. ZAHARRA.- Primeran, txikito. (Juleni begira.) Ziur nauk beteko duela promesa. (Gazteari.) Eta orain zer egin behar dugu? GAZTEA.- Kapsula horretan sartuko gaituk hemendik ateratzeko eta bertan kontatuko diat beste guztia. ZAHARRA.- Ongi duk. (Zaharra kapsulan sartuko da eta gaztea sartzera doanean Julenek deituko du.) JULEN.- Michael! GAZTEA.- (Bueltatuz.) Bai? (Julenek besarkada emango dio.) JULEN.- Zaindu, zortea izan hire bidaian. GAZTEA.- Bai, mundua aldatuko diagu. ZAHARRA.- Michael! GAZTEA.- Bai... agur, Julen. JULEN.- Agur, Markel. (Gaztea zaharrarekin kapsulan sartuko da.) JULEN.- Prest? ZAHARRA.- Bai, noski. Aurrera! GAZTEA.- (Ukabila altxatuz.) Mundua aldatuko diagu! JULEN.- Bai. (Julenek bi txalo joko ditu eta dena kez betetzen hasiko da, ezer ez ikusi arte. Bakarrik ahotsak entzungo dira eta bat-batean sirena soinuak.) ZAHARRA.- Hau normala al da? Ez gaituk mugitzen ari. POLIZIAREN AHOTSA: Estatu globaleko polizia! Geldi hor! GAZTEA.- Zer da hau? Engainatu egin nauk? Hiregan konfiantza osoa jarri eta gero... ZAHARRA.- Mukizu madarikatua! Ez duk ezer lortuko honekin eta badakik! Dena kontrolpean diagu. JULEN.- (Bere buruari triste.) Egia duk, seguru asko ez diat ezer lortuko. Orain konturatu nauk. GAZTEA.- Noiz deitu duk polizia? JULEN.- (Zurbil eta egin duenaz damututa.) Burbuila erabiltzearekin batera, berehala beste alarma bat pizten duk. POLIZIAREN AHOTSA.- Ixo! Ongi al zaude mutiko? Zerbait egin dizute? JULEN.- Ez, ongi nago. POLIZIA.- Zure ama berehala etortzekoa da. Guk hauek eraman behar ditugu. Ongi egongo zara? JULEN.- Bai, zoazte, ongi egongo naiz. VI POLIZIAREN AHOTSA.- Ongi al zaude mutiko? Zerbait egin dizute? JULEN.- Ez, ongi nago. POLIZIA.- Zure ama berehala etortzekoa da. Guk hauek eraman behar ditugu. Ongi egongo zara? JULEN.- Bai, zoazte, ongi egongo naiz. (Hasierako fluoreszenteen argiak bueltatu dira eta kea pixkanaka-pixkanaka desagertuz joango da. Gela hasierako egoerara bueltatu da, ezer ez dela gertatu pentsatuko genuke lurrean hainbeste kable eta bandera zati egongo ez balira.) JULEN.- (Ahopeka.) Nigan konfiantza osoa zuen. (Julen ohean eserita dago, une horretan pantaila dir-dir egiten hasiko da. ) JULEN.- (Pantailari begira, gogorik gabe.) PIZTU. (Pantailan Maddiren aurpegia agertuko da.) MADDI.- Julen, Julen, ongi al hago? JULEN.- Baietz uste dinat. MADDI.- Ziur? JULEN.- Bai, bai. MADDI.- Hau sustoa, txo! E, zeuen amak deitu zidak gertatzen dena kontatzeko, hire telefonoak ez omen dik seinalerik ematen. Berehala egongo duk han, trafiko ederra omen zagok bidean eta ez zaukak ailegatzerik. JULEN.- (Ahopeka.) Beti bezala. MADDI.- Zer? Barkatu, baina ez duk oso ongi entzuten. JULEN.- Maddi, pentsatu dinat bideojokoa hirekin egingo dudala. MADDI.- Lasai, txo, orain ez duk momentua horri buruz hitz egiteko. JULEN.- Ez, benetan esaten dinat. Baina androideak onak izan behar ditun, ez gaiztoak hasieran marraztu bezala. MADDI.- Ongi, hitz egingo diagu baina orain deskantsa ezak, bai? JULEN.- Bai, arrazoia dun, ez naun konturatu orain arte, baina oso nekatua nagon. MADDI.- Bai, deskantsatu eta bihar kontatuko didak dena. Ze abenturak, e? Beno, agur. JULEN.- Maddi, itxoin. MADDI.- Bai? JULEN.- Maddi, traidore bat naizela uste al dun? MADDI.- (Harrituta.) Zer? Bai gauza arraroak esaten dituala! Zer duk buru gogor horretan! Seguru ongi hagoela? JULEN.- Zerbait egin behar dudala agindu dinat inoiz, eta gero ez dut egin? MADDI.- (Txantxetan.) Etengabe. (Bere lagunaren aurpegi serioa ikusita.) Txantxetan ari nauk txotxolo! Sar hadi ohean oraintxe bertan, bihar hitz egingo diagu lasaiago. Bale? JULEN.- Bale. MADDI.- Bihar arte, bonbon! JULEN.- (Irribarre behartuaz.) Bai, bihar arte. MADDI.- ITZALI. (Maddiren irudia desagertuko da. Julen ohean sartuko da triste.) JULEN.- Mundua aldatuko diagu. ITZALI ARGIAK. (Argiak itzaliko dira.)
booktegi.eus JUAN LUIS ZABALA ez dut nik asmatu Poesia AURKIBIDEA Hitzaurrea Etorri Berdin dio Zalantza Hire bila nabilen Bustita Bilanak Inon izatekotan Ez zarete Ni gehiago naiz Poltsa beroa Adiskidetasuna Pornoa Poema hermetikoa Sexua Hemen egon da larria Azken espaloien muturretan Ulertzen ez dudana Gizon bat lotan Zero puntua Etxe horiek guztiak Hortxe bertan, urrun Ezer hautsi gabe Zedarritu gabeko etxe atariak Aukerak Idazlea idazle Pertsonaren erdian Bizi nahi Zeharka Hau amorrazioa! Gero eta gela honetakoago Autorretratu urduria Hitzezko etxe hau Garrasika hasi arte Goroldiomin Harrotzeko premia Poeta hipokondriako gisa Gaizki hitz egiteko premia Ulergarria den orotik aparte Ez dakit arnasa hartzen Lo egin behar denean lo Bizitzaren balkoitik Ibai berria Injustizia hau naizen bitartean Espainia txakurra ETA, ETA eta ETA Noiz entzun zenuen lehen aldiz? Egunkariak, politika eta bizitza Gutxieneko erosotasuna Hautsa etxe barruan Denbora, heriotza eta beldurra Pneumatikoen perspektiba Artizarra eta txorizoa Kultura Neke hau ‘A Place Called Distance’ Junkie 80 Hobeak hobe du Egia poetikoaren kontzeptuaz Hileta baten ondoren Besteak ikusita Arrazoiak Klonatu, klonatu, klonatu Txoria, leihoa, kantua Mikel Laboaren errautsak Agiñan Leonard Cohenen semea Zergatik gustatzen zait Leonard Cohen? Hitzaurrea Bilduma honetan jasotako poema guztiak 1988tik 2017ra arteko tartean idatziak dira, eta denak zeuden aurretik ere irakurgai, paperean ez bada sarean, baina ez nik orain arte argitaratu dudan poema liburu bakarrean, Hautsia natza (BBK-Euskaltzaindia, 2000). Liburu baten aterperik gabeko poema solteak dira, beraz, banan-banan idatziak denak, ez proiektu poetiko handiago baten barruan. Seguru asko ez luke mereziko denak paperezko liburu formal batean argitaratzea, baina pentsatu dut egokia litzatekeela, Booktegik eskainitako aukera baliatuta, denak batuta irakurleen eskura jartzea sarean, irakurleek gero poemekin nahi dutena egin dezaten. Bada, adibidez, bildumako poemak kantu-hitz bihurtutakorik. Horretarako eta beste zernahitarako erabilgarri daude hemen. Ez dut nik asmatu izenburua jarri diot bildumari, adierazteko neuk bilatu gabe, ia-ia “nahi gabe”, “etorri” zaizkidan poemak direla, hala esaterik baldin badago. Batzuetan poeta ez da bere poemen “errudun” sentitzen, haiek idaztea beste erremediorik izan ez duela iruditzen zaiolako. Sandro Giacobberen Il Giardino Proibito kantua etorri zitzaidan gogora horretaz pentsatu nuen batean; hortik izenburuaren ideia, eta baita atariko aipuarena ere, jakina. Juan Luis Zabala “Scusa tanto se la vita è così, non l'ho inventata io” (“Barkatu, bizitza horrelakoa da, ez dut nik asmatu”) (Sandro Giacobbe, Il Giardino Proibito) Etorri Nahi dunanean etorri. Itsasoari begira egongo naun, begiak ortzaizean galduta, eta kontatzeko istorio bat izango dudala agintzen dinat, tristea seguru askorik. Berdin dio Berdin dio zure begien koloreak. Berdin dio. Berdin dio zure galtzak duen zimurrak. Berdin dio, berdin dio. Berdin dio ekarriko zaituen autobusaren matrikulak. Berdin dio zure irribarreak. Baina berdin dio orobat zu nor zaren ere, berdin dio, berdin-berdin dio, eta horixe da min ematen duena, min berdin ez diona, min guztiona dena, min mina, min lehenetan lehena, min mina, min azkenetan azkena, min dena gure egiazko barrena, min zer garen benetan dioena, minaren min, minik minena muinaren muin, muinik muinena, errai bizi, gu zin-zinez garena. Zalantza Zalantza bat dut, ea argitzen didazun: zergatik zaude nigandik hain gertu? Zalantza bat dut, ea argitzen didazun: zergatik zaude nigandik hain urrun? Zalantza bat dut, ea argitzen didazun: non nago ni benetan? Zalantza asko ditut, ezin izango dizkit inork argitu. Hire bila nabilen Hire bila nabilen desio ezin aseen zuloan. Hire bila nabilen gau eriaren lantxurdan. Hire bila nabilen amore emateko amorratzen. Hire bila nabilen neure burua galduta. Hire bila nabilen hi aurkitzeko beldurrez. Nahiago niken, bai, hi inoiz ez ezagutu izana. Hire bila nabilen hi aurkitzeko beldurrez. Bustita Euria ari du kalean. Denontzat da euria, milioika tanta erortzen nonahi. Baina tanta bakar batzuk dira, ez asko, ehunka batzuk akaso, ileak, muturra eta eskuak bustitzen ari zaizkidanak. Zer pentsatuko ote dute ustekabean nireganatutako tanta horiek? Harritu egingo bide dira ni bezalako animalia harrigarri baten larruan, patuaren burubidea ezin ulerturik eta madarikatzen seguru askorik, zerbait hobearen esperoan direnez eroriak. Berdin dio. Busti egiten naute, nahi ez badute ere ni aintzat hartu beharra dute, nire larru sinesgaitz hau bustitzea egokitu zaie. Ez dakit zer, baina banaiz. Bilanak Azken funtsean bilan guztiak negatiboak dira, derrigorrez, ezinbestean, baita ekimenik egoki, arrakastatsu eta ederrenenak ere, dena amaitu egiten baita, xahutu, ahitu, akitu, hil. Horregatik, bizirik jarraituko badugu, martingala beharrezkoa dugu, inondik ahal dela, inoiz ere ez heltzea ezeren azken funtsera. Inon izatekotan Inon izatekotan hemen naiz, hitz aldrebes-nahi hauetan, bizia iraintzeko saio hauetan, poesian. Gainerakoan ez naiz izan beharrekoa baino, ezinbeste huts. Hau ere, alabaina, itsuskeria munstrokara hau, matxinada lirdingatsu hau, poesia, lehen uste ez nuen arren, neuk hala nahi ez izan arren, bizia da. Zakar, aldrebes eta gaiztoena ere, inon denik poesiarik pozoitsuena, odol garbi barneratzen du biziak bere zainetan. Izatekotan heriotza dateke biziaren aurkako borrokan poesiaz haragoko arma bakarra. Baina hori ere hain du berea biziak! Ez zarete Nik aspaldi susmatu bezala, egia zen, beraz, ez zaretela. Edo bai, izan bai, zer edo zer edo, baina deus gutxi orotara, hutsaren hurrengo huts. Neureak nau hala ere arduratzen zuenak baino gehiago. Neu ere ez naiz, garrasi hauei lotuta gaua erdi-erditik urratu nahi antzuan batzuetan zer edo zer naizela uste arren. Ez baita deus garrasi hau gauaren erdian. Ehiztari txar baten tiro galdua. Kantu bat mila bihotzaren urragarri. Lurrikara bat eta milioika hildako. Inork ikusi edo sentitu gabeko istripua. Gerra oso bat, luzea eta zabala. Ahuntzaren gauerdiko eztula. Amaitu da, edo amaituko, ezer izan gabe, inoiz izan gabe. Ni gehiago naiz Ni gehiago naiz. Begiratzen diozuen lekutik begiratuta, ni gehiago naiz. Nire tua urrunago heltzen da, nire puzkerrak ozenagoak dira. Ni gehiago naiz. Ez da erraza nire mailara iristea. Putzuak zapaltzean zipriztina indarrez eta ezin zakarrago zabaltzen du nire autoak, sistema anker asmatu berri baten bidez. Ni gehiago naiz. Ez duzue inoiz nire parera heltzerik izango. Ezin dotoreago lurperatuak ditut hilak, teleaparailu bana dute nire seme-alabek, ikaragarri handiak dira nire prostituten titiak. Ni gehiago naiz. Eta, begiratzen diozuen lekutik begiratuta, beti izango naiz gehiago. Ozenagoak dira nire korrokadak, urrunago heltzen da nire erraien kiratsa. Poltsa beroa Bero hauxe naun, sei bat litro odol hire ohea epeltzeko ez beste ezertarako. Adiskidetasuna Bakarrik nagoenean zuekin egon nahi dut. Zuekin nagoenean bakarrik egon nahi dut. Zuen beharra dudala nik aitortzen dut. Gorrotatzen zaituztedala ezin ukatu dut. Zuekin nagoenean bakarrik egon nahi dut. Bakarrik nagoenean zuekin egon nahi dut. Gorrotatzen zaituztedala nik aitortzen dut. Zuen beharra dudala ezin ukatu dut. Pornoa Eragotz iezadazu, lipar batez, beti jakin izan dudana zainetan sentitzea, egiarik gordinenari neure barrunbeetan aterpe ematea. Nous sommes de la merde, itsusia naiz, ahul eta endekagarria, hiltzeko jaioa, neke-penetan esperantzazurtz bizi ondoren. Eragotz iezadazu, lipar batez, galtzailetza unibertsalaz gogoeta goibeletan gainbeheratzea. Erakuts iezazkidazu. Poema hermetikoa Ez duzu ba pentsatuko nire poema bat ulertzeko gauza izango zarenik? Alajaina! Zer uste duzu zuk ordea? Zer uste duzu naizela? Zer uste duzu zarela? Zer uste duzu dela poesia? Neure buruari barkatzen ez diodana, nori eta zuri barkatu? Non eta poesian? Ederki eman ere! Zergatik eta nire poesia ulertzen ez duzulako? Zer gara ba? Baina, baina... pentsatzea ere! Zer da ba poesia, horrela hankapera dezagun? Edo da edo ez da, baina erdi-biderik ez du. Inork ez du inoiz zuk ulertzeko moduko poemarik idatziko. Ezinezkoa litzateke, inon direnak eginik gogotik ahaleginduagatik ere. Sexua Komuneko zulotik behera doan sexua, gotor, gordin, zakar, edo izaren leuntasunean babestua, goxo, leun, itxaropen. Ezin kabitua, ezin lasaitua, ezin asea, ezina beti. Lur-mamiaren deia, eguzkiarena, ilargiarena, gailur gorena. Kondoi erabiliak katuen atzaparrek zabaldutako zabor poltsa muturretan ageri. Egia eta gezurra, neurri gehiegizkoetan. Hemen egon da larria Hemen egon da larria. Beste askotan bezala, egonaldi labur eta arina egin du, ezer larririk esan gabe. Hemen egon da larria. Ahitzear den idazteko gogo koxkor hauxe besterik utzi gabe alde egin du. Azken espaloien muturretan Euri xehea eta lohia azken espaloien muturretan, kaleek izenak galtzen dituzteneko muga zehaztu gabekoetan. Hiri zati basak, mendi puska narratsak, elkarketa puntu antzua. Bakardadea, tristura. Mundua hiriaren eldarnio zorotik zein izadiaren edertasun aratzetik salbu, gordean. Babesean. Ulertzen ez dudana Deus gutxi da ulertzen ez dudana, gero eta kontu gutxiagok egiten dit ihes, aski argi baitago dena azaldua egunkarietan. Deus gutxi da ulertzen ez dudana. Baina gero eta gutxiagorako balio dit ulertzeak. Ez dakit ulertzen den. Gizon bat lotan Gizon bat lotan izango naiz aurki. Horrela definitzeko moduko materia multzo epela, geldoa. Itsu, mutu, gor, ergel, ahanzturari emana akordua. Joana, zuengandik banandua, errugabe, ez zaizkit, ezereztuak, axola izango nik zuetaz gaizki esanak, zuen aurka gaizki eginak, zuei ezer eman gabe neuk, zuraren bihotza zulatzen duen iltzearen zitalkeriaz, jan, edan, laztandu, xurgatu, gozatuak oro, zuekin banatu gabeko patata tortilla guztiak. Eguneroko errugabetasun aro premiazkoan, materia multzo epela, geldoa, ez dagoenaren pare, ez denaren antzeko, aurki izango naiz gizon bat lotan. Zero puntua Egin nezakeen eta egin ez dudan guztia daukat, errieta beltza adierazten duen betoskoz, begira. Eta ni, begi poetikoak ortzaizerantz, bildots errugabearen itxura neureganatuta, jatorrizko zintzotasun garbi baten jabe banintz bezala, dena hutsetik hasteko puntuan ari naiz jartzen. Etxe horiek guztiak Etxe horiek guztiak xume-xume behetik gorantza leiho txiki fluoreszentez bata bestearen ondoan ia zulo ilunik utzi gabe josiak. Ama bat, aita bat, umeak... poz, arazo, min, nahigabe andana metro karratuko. Maitasun ttiki hori guztia, estu pilatua, miresten dut ataritik gora begira, urruneko tribuen ohitura zaharrak, ilbeterik biribilena edo zerurik izartsuena baino askoz gehiago. Hortxe bertan, urrun Negar egiteko tenorea eta negargurarik ez. Urrun dago dena, unerik dardartienean ere urrun laztandutako larrua, besarkatutako soina, barru-bide abegikorrak. Negarrik ez. Eta gizon oso bat berriro, sendo, trinko, prest, jantzia. Negarrik gabe. Hortxe bertan, urrun. Ezer hautsi gabe Zaila da ezer hautsi gabe entzuna izatea. Zaila da ezer hautsi gabe nork bere burua ondo adieraztea. Zaila da ezer hautsi gabe ezer izatea. Hala ere, batzuetan, usterik gutxienean, ingurukoari leun heldu eta mundua, bizitza arrotz zaizkigun jostun-esku trebez irun, irun eta irun, iraun, iraun eta iraun egiten dugu, egiten dugu egiten dugu, ezer hautsi gabe. Zedarritu gabeko etxe atariak Zedarritu gabeko etxe atariak, xederik gabeko haurtzaro puskak, emaitzarik gabeko jolasak. Jolastegietatik kanpo, ikastegi ororen aurka, mundua araurik gabe. Oraindik ere bai, batzuetan. Aukerak Heriotza gurtzea ez da beldurgarria, heriotza gurtzea zilegi da. Bizitzari lotzeko modua ere izan daiteke, bizizalearen aukera errespetatzen bada. Bestela ez. Ezkorrak eta uzkurrak, itunak eta ilunak, hitsak eta hutsak izan arren, itxiak ezin gara izan. Gutxiegi dakigu horretarako. Gutxiegi dakigu beste ezertarako. Idazlea idazle Egoa ebaki banio, ez zen gehiago idazle izango. Pertsonaren erdian Gure gauek elkar besarkatu zuten. Bi gau elkarren ilunak indarrez belzten, bi gau elkarren hutsarteak bortizki zulatzen, bi gau elkarren amildegiak mugarik ezeraino sakontzen, pertsonaren erdian. Gero, pertsona egunaren argira joan zen. Bizi nahi Ezinak, ezinak eta ezinak. Ezinegona eta egonezina: ezin egon eta egon nahi; egon eta ez egon nahi. Ezinizana eta izanezina: ezin izan eta izan nahi; izan eta ez izan nahi. Ezinbizia eta biziezina: ezin bizi eta bizi nahi; bizi eta, nahi gabe ere, bizi egin nahi, beti bizi nahi. Ezinak, ezinak eta ezinak. Zeharka Zeharka bizi naiz, gogo guztiak zintzo hezita, grina guztiak txarrantxaz hesituta. Erruduntasuna harri eta zalantza porlan duen horma garaia gainditzera derrigortuta erabaki bakoitzeko, ezkerretara jo aurretik eskuinari muin egitera, eskuinetara jo aurretik itzuliko naizela promesa egitera. Ezin naiz zuzenean bizi, gauzekin eta pertsonekin bat-batean bat eginez, izan naizenaren eta nigandik espero denaren zama txepeltzailetik libre. Eta honezkero zaila aldatzea. Eta honezkero ahaleginduta ere alferrik. Eta honezkero, zuzen-zuzenean, ezta nahi ere. Hau amorrazioa! Egiten dudana egiten dudala, egiten dudana egiten dut. Eta ezin egin egiten ez dudana. Eta ezin egiten dudana ez egin. Hau amorrazioa! Gero eta gela honetakoago “Darrera aquesta porta visc, però no sé si en puc dir vida.” (Salvador Espriu, Una closa felicitat es ben bé del meu món) Kanpoko munduari handiegi eta argiegi iritzita, gela honetan gordetzen naiz, neure neurrira egindako eta argitutako mundu aizunak sortzen eta irudikatzen, kanpoko mundua izanik hala ere beti oinarrizko eredu, ispilu guztien ama. Beti igandea balitz bezala, ogiarekin batera egunkaria ekartzeko baino ez naiz irteten. Kalea, jendea, herria, mundua ukitu gabe neureganatzen ditut, ferekak eta ukabilkadak, musuak eta tiroak, besarkadak eta leherketak, gelak haiekin beregana nazan. Ogia sukaldean dago nolanahi utzia, lilurarik gabeko azal, bihotzik gabeko mami. Egunkariak kale egiten du kale izateko ahaleginean, nik zuzenean bizitzeko ustezko nahiari zeharka baino heldu ezinik huts egiten dudan bezala. Ogia, kalea, bizitza, jendea, herria, mundua, zer ote dira benetan? Jakin nahi al dut? Gero eta gela honetakoago nago, ilunpean nire aproposko munduekin jolasean. Autorretratu urduria Alferra naizenez, lana beltz egiten dut indarrak ahitu arte, gero alferkerian lasai egoteko. Errebeldea naizenez, aginduak oro zuzen betetzen ditut berehala, gero lasai desobeditzeko. Gaiztoa naizenez, ahal bezain zintzo jokatzen saiatzen naiz, gero gaiztakerian lasai aritzeko. Zoroa naizenez, arrazoiaren indarrari begiratzen diot arretaz, gero nire zoroa lasai bizitzeko. Bakartia naizenez, jendetasunaren arauak zorrotz errespetatzen ditut, gero bakarrik lasai egoteko. Egoista naizenez, hurkoa maitatzeko ahalmena azken tantaraino zukutzen dut, gero neure burua lasai maitatzeko. Lasai bizi nahiaren lasai bizi nahiz, etenik gabeko dardara urdurian bizi naiz. Hitzezko etxe hau Hotzaldirik minenean hizkuntzaren barruan sartzen naiz epeltasun bila. Nahasmendurik itogarrienean hizkuntzaren barruan sartzen naiz harmonia bila. Bakardaderik mortuenean hizkuntzaren barruan sartzen naiz konpainia bila. Nire hizkuntzak, etxe gisa, ikasleen etxebizitza alokatuen antz handiagoa du familia bakar eta egituratuko etxe burgesena baino. Edozerekin eta edozeinekin egingo duzu topo noiznahi, noiznahi dira gurean istripuak edo borrokak, goizaldera arteko hitzaspertuak edo ustekabeko festak. Teknikariek diote normalizatu gabe dagoela hitzezko etxe hau. Etxekonekoen hizkuntzan, berriz, gurea la casa de Tócame Roque da. Nekagarria da batzuetan horrelako etxe batean aterpetu beharra, baina ikasteko balio du, ondo pasatzeko ere bai tarteka. Eta azken batean ni, beste edozein bezala, hotzaldirik minenean hizkuntzaren barruan sar naiteke epeltasun bila. Hitzetan kiribilduta babesten naiz hizkuntzaren teilatupean. Garrasika hasi arte Garrasika hasi arte ez nintzen jabetu jende mordoa nuela neure ondoan garrasika aspaldidanik eta etengabe infernurik gogorreneko sugarretan erretzen ariko balitz bezala. Ezinago babesgabe, minaren gainean min hartuta, orroaren gainean orro egin nuen, espantu zoroetan indarrak ahitu arte. Isildu arte ez nintzen jabetu jende mordoa nuela neure ondoan isildua aspaldidanik eta etengabe infernurik gogorreneko sugarretan erretzen ohituta balego bezala. Goroldiomin Bidez bide ibilian nabil, ibili ahala goroldioa uxatuz. Baina ez naiz nabilena. Ibilian uxatutako goroldioa nire pausoen lagun dut beti, ez-egote baina bai-izate berde, heze, ahanzturaraino isil, sakon eta leunean zentzumenez gaindiko lokarri. Ez naiz nabilena. Ibilian uxatutako goroldioa dut ments gelditu orduko. Batu gabe ere bat da ibilian uxatutako goroldioa ibilitako bide sakabanatuetan, gero eta ugariago eta astunago nigan, gero eta goroldioago. Ez naiz nabilena. Ibili-ibili eginda, goroldioa baino ez naiz. Harrotzeko premia Diru asko duelako harrotzen den jendea ezagutzen dut, eta dirurik ez izateaz harrotzen dena. Zoriontsua delako harrotzen den jendea ezagutzen dut, eta oinazetan bizitzeaz harrotzen dena. Asko maite duelako harrotzen den jendea ezagutzen dut, eta inor maite ezinaz harrotzen dena. Neu ere horretaz guztiaz sentitu izan naiz harro, eta sentituko gerora ere. Autoa zoro gidatzeaz bezala zuhurtasunez txofer egiteaz, abertzale izateaz bezala abertzale ez izateaz; eskuko telefonoari eusteaz bezala eskuko telefonorik ez izateaz. Bizi izanaz bezala bizi ez izanaz. Bizitzak, hala ere, berezko eta beharrezko baitu, harrotasuna eskatzen dit: honegatik ez bada hargatik, gaur ezin bada bihar, bihar ezin bada etzi, etzi ezin bada atzokoaz, harro egotea da kontua, harro egotea da premia. Harrotzen nauenaz ezin bada, harrotzen nauena traizionatzeaz. Inork ez du jakin behar, neuk inork baino gutxiago, baina harro esan dezaket: harrotzen nauenari harro nazan baino ezin diot heldu. Poeta hipokondriako gisa Barruan poemak dauzkala uste duen hipokondriakoa da poeta. Sentitu egiten ditu; edo sentitzen dituela uste du, ez eduki arren. Ezer sumatu orduko poema erauzten hasten da, barrua zornatuko dion beldurrez. Erauziari eskas irizten dio gero; ez da hor mailurik ageri, edo etorkizun jaurtigailurik. Ez du poeman bere burua ikusten, heste sobrea formoletan baino, edo tumore onbera. Agudo gaixotu nahi du berriz. Poesiarekin sendatzen ez den hipokondriakoa da poeta. Gaizki hitz egiteko premia (Hedoi Etxarteren Suzko liliak irakurtzen aritu ostean) Gaizki hitz egin nahi dut, gaizki hitz egiteko premia dut, ilun, nahasi, zatar, itxuratxarki, agramatikalki, inklarki, moldegabeki. Baina ezin dut gaizki hitz egin. Oldartu egiten zaizkit hitzak, sintagmak, perpausak, orden zintzo baterantz; agerian ez bada ezkutuan, harmoniarantz. Bere onerako izango dela jakinagatik ere, ezin diot hizkuntzari nahita eraso. Neure mihia labana batez zauritzea bezain zaila zait. Ahaleginak eta bi jota ere ezin dut gaizki hitz egin, ilun, nahasi, zatar, itxuratxarki, agramatikalki, inklarki, moldegabeki, desordenatuki, desafinatuki, zopasanoki, nahastimahastiki, zorolerdoki, trapuzikinki. A, a, a, a, atranketinoledubrekulia…! Ez, ez. Ez da hori, ez da hori. Ulergarria den orotik aparte Bila ezazu, poeta, babesleku bat zure lanaren onarpenetik aparte, hor beti izango baitzara galtzaile argia. Irudika itzazu agentea eta editorea, kazetaria eta kritikaria, irakurlea eta liburu saltzailea, dinamizatzaile kulturalak eta kultura arloko agintariak literaturaren alde oro har edo zure poesiaren alde partikularki laudorioaren aparraz topa egiten. Egin zenezake zeuk ere topa haiekin, egarri arrunt batzuk asetzeko, baina argi ibili irribarre hori barruko larru mintzetara atxikitzen bazaizu. Ihes egin behar duzu zauden lekutik, jorratu duzun sailetik, zauzkaten esparrutik. Zaudenetik, duzunetik eta zauzkatenetik ez ezik, ihes egin behar duzu, zeu ohartu gabe, zoazenetik ere. Bila ezazu, poeta, babesleku bat ulergarria den orotik aparte, han beti izango baitzara galtzaile argia. Ez dakit arnasa hartzen Ez dakit arnasa hartzen. Ez dakit jaten eta edaten, elikatzen eta hidratatzen. Ez dakit larrua jotzen, sexuaz gozatzen eta gozarazten. Ez eserita eta ez etzanda egoten dakit, hain gutxi zutik irauten, zuzen ibiltzen. Ez dakit naizena eta daukadana erabiltzen, kudeatzen, optimizatzen. Edozein ikastaro nuke lagungarri. Baina ikasi beharreko guztia ikasteko bizitza osoa ikasten emanda ere ez nuke inondik ere aski izango. Ez dute oraindik asmatu, baina ikasiaren ikasiz desikasitakoa berrikasten ikasteko ikastaroak antolatuko dituztela uste dut, ikastarorik gabe bizitzen ikasteko. Lo egin behar denean lo Lo egin behar denean lo egiten duzun horrek, jan behar denean jan, edan behar denean edan, jo behar denean jo egiten duzun horrek, utz iezadazu lorik, janik eta urik, larrurik eta damurik gabeko gau honetan zu eta zure kasta osoa muinetako minetaraino baldar, zakar eta zatar kakazten eta iraintzen. Bion premia baita desoreka harmoniko hau, garai batean neuk ere, bizitzaren kirol arauez ezjakin, etsaigo gordin zela uste izan nuena. Bizitzaren balkoitik Aspaldi samar pasatu nintzen ardura koxkor batzuekin askatasunez bizitzetik askatasun koxkor batzuekin arduraz bizitzera. Gozogabea, gizagabea, bidegabea iruditu zitzaidan hasieran, baina espanturik gabe laketu nintzen. Gazteak mundua nahi du, zaharra bizitzarekin konformatzen da. Bizitzak balkoia du, gainera, munduari begiratzeko, eta aulki bat atseden elbarrirako, bero delarik freskagarri bat eskuan –dirurik ezean eau du frigorifique–, hotz baldin bada infusioa. Zer askatasun behar du bizitzaren balkoitik munduari begira geratu denak, nahi duenean begiak ixtekoaz aparte? Ibai berria Ibai luzea eraikiko duela iragarri du Gobernuak; mendi altuetan sortua, itsaso zabalerainokoa. Bihar jarriko dira abian hondeamakinarik suntsitzaileenak eta konputagailurik sortzaileenak, langilerik gaituenek gidatuta. Alferrikako apaindurarik gabe, soila izango da, baina osoa. Biologo, paisajista eta hidrologo jakintsuenen laguntzaz gain, abangoardiako artista ausartenena ere izango dute ingeniariek, edertasun plastiko adierazkorra izan dezan ibilbide osoan, ubidean nahiz inguruetan; eta idazlerik irudimentsuenena zientzialari genetikoek, nortasun aberatseko izaki askotarikoak bizi daitezen uretan nahiz ertzetan. Elkartasun erakundeetako funtzionarioek eta bake eskoletako doktoratuek jolasaren eta amodioaren haziak ereingo dituzte ibar osoan; noiz aliritzira, poetek zirriborratutako ildoetan, noiz zehaztasun osoz, lorezainekin elkarlanean. Ibai luzea eraikiko duela agindu du Gobernuak; itsaso zabalerainokoa, mendi altuetan sortua. “Dena hutsetik hastearen antzekoa izango da”, adierazi du, negarrez, lehendakariak. Injustizia hau naizen bitartean Pasio garbi batek sututa borrokarako prest sentitu nintzen, bizitzan aurreneko aldiz injustizia batekin aurrez aurre topo egin nuenean. Harrezkero etenik gabe egokitu zaizkit begi-bihotzen aurrean injustiziak, aurrez inola ere ezin irudikatuzko norabideetan eta elkarrekin molde askotako harremanetan, solasean nahiz errietan, jolasean zein borrokan, elkar laguntzen bezala elkar suntsitzen. Heldulekurik gabeko nahasmenduan zorabiatzeraino geratu naiz injustiziei eta haien bide gurutzatuei begira, kasurik gehienetan haien aurka ezer zehatzik egin gabe, noiz zalantzak paralizatua, noiz adoreak abandonatua, noiz izuak erasana, noiz erosokeriak alfertua. Injustizia askoren aldeko egin naiz ohartzerako. Kasu batzuetan, beste injustizia ustez latzagoen aurka egiteko modurik justuena delakoan; beste batzuetan, ohituraren poderioz barneratutako itsutasun inkontziente edo ez horren inkontzienteagatik; eta inoiz, besterik gabe, neure baitako gune ezkuturen batetik irtendako orro zoroei men egiteagatik. Injustizien ahaide egin naiz, injustizien lankide, lagun, adiskide. Injustiziekin bazkaldu eta afaldu dut, injustiziekin edan tabernetan goizaldera arte, neuk ere injustiziatik dudanaz gero eta ohartuago. Baina bizitza ez da bakarkako tren bidaia, txartela patrikan txartel zulatzailea datorrenerako, leihatilatik paisaiari begiratu beste kezkarik gabe. Ez dut ahaztua, oraindik lagun dut lehen injustiziak eragin zidan barruko sua. Harrezkeroko arrazoi, arrazionalizazio, erlazio eta erlatibizazio guztiak gorabehera, grina hura dute ezinbesteko eredu nire ardura eta asaldura guztiek. Eta izango beti, nire bizitzako azken injustiziak justiziaz dagokidan lekuan jartzen nauen arte. Espainia txakurra Berriro ukatu nauzu, Espainia, enegarrenez, zeure parte egin arte lotuta naukazun arren. Eta berriro madarikatzen zaitut, irmo, berriro piztu didazu barruan anti-espainiartasun oldarkorra. Ez dut ezer espainiar banakoaren aurka, ez naiz zure aurka egiten den ororen aldekoa, baina zure aurka nago eta zure aurka egin nahi dut. Ez dut inoren aurrean agertzeko ikurrinarik, baina mila bider erreko nuke gustura zure bandera zatarkeria historikoz josia. Ez naiz aberriaren ingeniaritza politikoetan trebatua, baina mila bider zirtzilduko nuke gustura zure erresumatasun erridikuluaren gailur den koroa gezurtia. Zeure nahi nauzu baina derrigorrean zeuretua. Saiatuko al zara inoiz ni larderiarik gabe limurtzen? Aintzat hartuko al nauzu inoiz, zeuk aintzat hartua izatea nahi izaten duzun gisan? Izan niezazukeen atxikimenduaren apurrak oro suntsitzen dituzu nitaz arduratzen zaren bakoitzean. Eztarria trabatzen didan hezurra zaitut, Espainia nigan arrotz eta hilduraz barneratua, Espainia amorrarazle amorratua, Espainia zakar, zital, ausikilaria, Espainia txakurra, Espainia saiatuta ere ezin maitatua. ETA, ETA eta ETA Ez dakit zehazki noiztik naizen ETAkoa, ez dakit zehazki noiztik nagoen ETAren aurka. Baina ETAkoa naiz eta ETAren aurka nago. Ez dakit zehazki zergatik naizen ETAkoa, ez dakit zehazki zergatik nagoen ETAren aurka. Baina ETAkoa naiz eta ETAren aurka nago. Ez dakit zehazki noiz arte izango naizen ETAkoa, ez dakit zehazki noiz arte egongo naizen ETAren aurka. Baina ETAkoa naiz eta ETAren aurka nago. Ez dakit zehazki zertarako naizen ETAkoa, ez dakit zehazki zertarako nagoen ETAren aurka. Baina ETAkoa naiz eta ETAren aurka nago. Ez dakit zehazki zer den ETAkoa izatea, ez dakit zehazki zer den ETAren aurka egotea. Baina ETAkoa naiz eta ETAren aurka nago. Ez dut ETAkoa izateko batere gogorik, ez dut ETAren aurka egoteko batere gogorik. Baina ETAkoa naiz eta ETAren aurka nago. Noiz entzun zenuen lehen aldiz? Noiz entzun zenuen lehen aldiz botereak usteldu egiten duela? Noiz entzun zenuen lehen aldiz gutxi batzuen aberastasun oparoak askoren miseria gorria duela funtsezko oinarri? Noiz entzun zenuen lehen aldiz publizitateak premia berriak sorraraziz alienatzen gaituela? Noiz entzun zenuen lehen aldiz sistema kapitalistan talde ekonomiko indartsuenek dutela benetako agintea, politikaren eta politikarien gainetik, hedabide nagusien konplizitatearekin? Noiz entzun zenuen lehen aldiz teknologiak komunikaziorako aukerak biderkatu dituen garaian inoiz baino arazo larriagoa dela inkomunikazioa? Noiz entzun zenuen lehen aldiz herrialde txiroetako jendeak sekulako kemena duela edozein zailtasunen aurrean bizipozari eusteko? Noiz entzun zenituen lehen aldiz horiek guztiak eta antzeko beste asko, eta zenbat bider entzun dituzu harrezkero? Egunkariak, politika eta bizitza Egunkarietan, dena ez da politika, baina politika da dena. Bizitzan, dena da politika, baina politika ez da dena. Gutxieneko erosotasuna Poetarik minduenak ere gutxieneko erosotasuna behar du poemarik mingarrienak idatziko baditu. Odola zainetan, geldiune txiki bat bidean, oinarrizko trepetak aterpean eta esperantza deitzeko moduko utzikin ñimiño bat. Hautsa etxe barruan Bere gisa utziz gero, hautsa pilatu egiten da etxeko bazter guztietan. Utzikeriak pilatutako hautsak ez du ohean etzanda gustura dagoena ikaratzen. Baina atsekabez datzanak zehaztasun mingarriz dakusa abandonuak pilatutako hautsa. Denbora, heriotza eta beldurra Gau batzuetan iruditzen zait denbora, heriotza eta beldurra elkarrekin afaltzen ari direla nire barruko txoko ezkutu batean, janariz eta edariz gogoberotuak irudimenaren mugarik ilunenak jauzi zabarretan gainditzen. Pneumatikoen perspektiba Ikusi al dituzue pneumatiko horiek guztiak, ezin konta ahala pneumatiko, etenik gabe bueltaka asfaltoaren gainean, poliki-poliki higatzen? Artizarra eta txorizoa Artizarrari so egin nion, gauaren zuloan dir-dir, zure begien zilar-distira urruna gogoan. Bokatari kosk egin nion, gorputz barruaren plazer, txorizoaren dasta goxoa bete-betean aho sabaian. So egin nion bokatari, gauaren zuloan plazer, txorizoaren odol-distira gogoaren betegarri. Kultura Ez dakit asmatu dudan, baina neure miseria moral guztia giza-ulerberatasunaren isurbidean behera gozo oztoporik gabeko jarioan galtzen dela sentiarazten didan edertasunari deitu izan diot beti kultura. Neke hau Neke hau eskaintzen dizut, zahardade hau, zimurrera egiten duen apaltzea. Baina hemen ere ni naiz, hemen ere argitasun hori dago, egon behar du derrigor, harri koxkorra mendi egiten duena, putzu txikia itsaso, begirada bat mundu. ‘A Place Called Distance’ Inon ezer izatekotan han naizelakoan, Distantzia izeneko leku batean babesten naiz ahal dudanean, neuk ere ez dakit zeretik eta zergatik. A Place Called Distance deitzen diot, are urrunago eta arrotzago sentitzeko, erdararik unibertsalenean inongotua. Junkie 80 Ez nekien bizi nahi nuela. Ez nekien bizitza maite nuela. Ez nekien bizitza behar dudala. Eta neure burua hiltzera jo nuen ikusten nuen denaren kontra, beldurrik gabeko herraz eta pasioz. Larru beltzean hauts zuria ume txiki bat bezala bilduta. Hobeak hobe du Hobeak hobe du, benetan hobea bada, are hobea izateko, daukan abantaila apaltasunean inbertitu. Egia poetikoaren kontzeptuaz Egia poetikoaren kontzeptuaz pentsatzen ari nintzela, beirazko bi pote bota ditut plastikozko zaborraren ontzi horira. Gero egia poetikoaren kontzeptuaz pentsatzeari utzi diot, baina poteak han geratu dira, okerreko zaborrontzian. Hileta baten ondoren Hileta baten ondoren etxera iritsi eta oheratu aurretik zapatak eranzteko unea. Hildakoaren zapatak gogoan, hildakoaren ohe ertza irudimenean. Heriotza eta bizitza elkarren ondoan, ahaide eta haurride gisa, lirismorik nahiz espanturik gabe. Besteak ikusita Besteak ikusita, neure ondorioak ateratzen ditut. Baina besteek ni ikusita ateratzen dituzten ondorioak okerrak iruditzen zaizkit beti. Arrazoiak Gustuko ez duzun zerbait entzutean, kontuan hartu esan duenak, arrazoia eduki edo ez, esan duena esateko arrazoiak badauzkala. Klonatu, klonatu, klonatu Klonatu, klonatu, klonatu egingo zaitut ahal dudanean, birklonatu, arraklonatu, errekontraklonatu, klonatu, klonatu, klonatu, eta zutaz ezin nazkatuta klonatu, klonatu, klonatu egingo zaitut gero ere, multiklonatu, superklonatu, hiperklonatu, klonatu, klonatu, klonatu. Txoria, leihoa, kantua Anariri Beldur eta erru zaharrez arinduta, definizio eta ideietatik harago hegan egiten asmatu dun inork zitekeenik uste ez zuen bezala inoiz ezinezkoa zenik pentsatu gabe, berezko txoritasun kutsakorrez. Porro debekatuen mutxikinekin jorratu genuen iluntasun estuari zeru argiak zabaldu dizkion inork zitekeenik uste ez zuen bezala inoiz ezinezkoa zenik pentsatu gabe, berezko leihotasun kutsakorrez. Hiregan ikusten ditinagu orain geure buruak izan ez ginena izaten bizitzari sabairik gabe emanak inork zitekeenik uste ez zuen bezala inoiz ezinezkoa zenik pentsatu gabe, berezko kantutasun kutsakorrez. Mikel Laboaren errautsak Agiñan Orain hasi gara jabetzen zenbat gauza esaten dugun Mikel Laboa esatean. Orain hasi gara jabetzen zenbat bazter ezkutu dituen –zein isil!, zein diskretu!– gizon horrek hartuak gure barruan. Ez dakit zenbat maite dugun. Ez dakit zenbat gustatzen zaizkigun bere kantuak. Geureegia egina dugu harekin hitz horiek erabiltzeko. Leonard Cohenen semea Leonard Cohenen semea zaindu dut ametsetan neure besoetan hartuta. Beste umeak bezalakoa da, txikia eta ahula, babesgabea, zeurea eta neurea bezalakoa, baina Leonard Cohenena. Nahikoa zen hori jakitea jabetzeko besoen artean nuela inoizko trinkoen atondutako tristuraren etorkizuna. Leonard Cohenen semea zaindu dut ametsetan neure besoetan hartuta. Eta zaintzen jarraitzen dut, nahiz eta besoetan ez bildu, Leonard Cohenen semea zaintzen esnatu eta gero ere. Beste umeak bezalakoa da, txikia eta ahula, babesgabea, zeurea eta neurea bezalakoa, baina Leonard Cohenena. Zergatik gustatzen zait Leonard Cohen? Zergatik gustatzen zait Leonard Cohen? Ez litzaidake gustatu behar. Zergatik gizon zuri aise diruztatu hori? Astazakil birfindu hori, zergatik, edulkorazioaren mugetaraino doazen hileta baterako moduko doinu triste horiekin? Tania Traore izan behar nuke gustukoena. Sandra Tavuri, Okia Tamagato, Sukur Tafelnor, edo Gaxuxa Etchetchipiaren kantu soil gertukoa. Erosokeriaz, alienazioz, indukzio kulturalez, ordea, Leonard Coheni atxikitzen natzaio, dena emanda, musikaren premiak estuen harrapatzen nauenean. Zergatik joan nahi dut Phoenix, Albuquerque, Oklahomara; Austin, Detroit, Seattlera; Memphis, Tucson, Wichitara; Milwaukee, Denver, Ohiora? Zergatik janzten ditut beti galtza bakeroak? Ez datozelako bat izan behar nukeena eta naizena, ezin garelako guk nahi dugun huraxe izan edo ezin dugulako gu garen huraxe izatea nahi. Ezinezkoa delako izanaren eta izan nahiaren bat egite erabatekoa, eta asmoaren kalterako delako kasurik gehienetan hori lortzen saiatzea. Hasi hadi orain Leonard Cohenengandik ihesi, zer entzun beharko hukeen eta zer jantzi erabaki eta hura gustatzeko ahaleginak egiten. Beltz izaten, emakume, homosexual, LGBTIQ, txiro, ezindu, misiolari, benetan izan beharko hukeena izatea izan nahirik. Hasi eta Coca-Cola lata bihurtzen haizela sentituko duk.
booktegi.eus BERNARD ETXEPARE linguae vasconum primitiae edo euskaldunon hizkuntzaren hasikinak Patxi Salaberri Muñoak euskara xumera ekarria Atarikoak Bi hitz baino ez Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae – Euskaldunon Hizkuntzaren Hasikinak izeneko liburuarekin atondu dugun bertsio honetaz. Jadanik hogei inguru dira, guk dakigula, Etxepareren liburuak munduko hizkuntza nagusietan ezagutu dituen itzulpen-moldaketak. Bat bera ere ez, ordea, gaurko euskarara egokitua; bat bera ere ez, esan nahi baita, egungo irakurleak euskaraz eta edizio kritikorik edota hizkuntza hegemonikoen bitartekaritzarik gabe ulertzeko moduan prestatua. Eta premiazkoa genuen. Izan ere, laguntzarik edo egokitzapenik gabe inor gutxik segi dezake normaltasunez Etxeparek darabilen hizkeran ondutako poema-multzo zoragarriaren haria. Errepikaren errepikaz, azkenean “Euskara, jalgi hadi plazara!” bezalakoak bai, ulertzen bide ditugu irakurleok, baina ez askoz gehiago. Milurteko erdia –erraz esaten da!– betetzear duen idazlanaren aurrean, egungo irakurleak gaztelaniazko zein frantsesezko bertsioetara jo behar izaten du, tamalez, Etxeparek dioenaz jabetu nahi badu. Eta ondo baino hobeto ezagutzeko eta gozatzeko liburua da Eiheralarreko erretoreak utzi diguna; edo ez arras alboratua izateko, bederen, haren jolas poetiko-ideologikoa ikaragarria –hitzaren esanahi zabalenetan– baita oraindik orain. Honako ahalegin honek, beraz, eguneko euskara estandarrera hurbildua eskaini nahi izan du Euskal Literaturak ezagutu izan duen lehen liburu inprimatua. Hegoaldean hedatuen bide dugun hizkera bateratura hurbildua, hain zuzen. Eztabaida antzutan sartzeko asmorik gabe prestatu da idazlana, irakurle. Behin-behineko bertsioa, hortaz, baina betiere erraz ulertua izateko itxaropenarekin egokitua. Hemengo formatu honi gagozkiola, suntsitzetik libratu zen ale bakarraren faksimilea aurkezten da edizioaren buruan, jatorrizkoa aurrean izatea betidanik baita interesgarri, erakargarri eta, areago, proposatzen diren irakurketak kontrastatzeko ezinbesteko erreferentzia. Ondoren, saio honen berrikuntza-edo dena dator, hots, liburuaren bertsio bikoitza, bi-biak oraingo tipografian emanak eta aurrez aurre jarriak. Batetik, orrialde bikoitietan jatorrizkoaren bertsio erraztua eskaintzen da, Etxeparek erabilitako hitz eta ezaugarri gehienak egungo ortografiarantz –ez beti, baina: eure, heuskara, erio...– ekarrita. Edonola ere, letrakera etzana hautatu dugu bertsio horretarako. Begiz begi, sarasketarrak zioen bezala, egungo euskara bateratuan proposatzen dizugun irakurketa doakizu. Hori bai, jatorrizko bertsioaren translaziotik lehen begiratuan bereizteko, orrialde bakoiti horietan beste letrakera mota bat erabili dugu, ohiko moldekoa. Erantsi beharrik ez da: lantxoaren xede nagusia Etxepareren bertsoak ahalik zuzenen ulertaraztea izanik, lau bilakatu ditugu haren bertsoak. Hau da, testuak taxutzean ez diegu jaramonik egin bertso-lerroen neurri-hoskidetasunei, agerikoa baita haien eztia dastatu nahi duenak ezkerraldeko orrialdetara jotzea baino ez daukala. Hainbatetan berariaz urrundu gara gure proposamen honetan Etxeparek erabilitako lexikotik ere, arras aberasgarri iruditu baitzaigu orrialde bikoitietan agertzen ziren jatorrizko hitz, aditz edo esamolde zenbait (jaugin, engustazu, mezu nenzan...) esparru semantiko bereko ordain desberdinez edota ezagunagoen bidez eskaintzea orrialde bakoitietan. Baita jatorrizkoan leku bezain hitz ezagunak agertu direnetan ere, ez baitugu uste parean toki jartzeak inoren ulermenari kalterik egin diezaiokeenik, alderantziz baizik. Denak kode bateratukoak badira ere, elkarren osagarri izan litezkeela pentsatu dugu. Guketz, aski izango genuke hautu honek Etxepare koplariaren gatz-piperrak behar baino gehiago gezatuko ez balitu! Patxi Salaberri Muñoa Aramaion, 2018ko maiatzaren 17an Oharra: Atal bera beste testuan ikusteko esteka aurkituko duzu atal bakoitzaren azpian LINGUAE VASCONUM PRIMITIAE EUSKALDUNON HIZKUNTZAREN HASIKINAK per Dominum Bernardum Dechepare Rectorem sancti michælis veteris. Erregeren adbokatu bidezko eta nobleari, birthute eta hon guziez konplituiari bere iaun eta iabe Bernard Leheteri bernard exeparekoak, haren zerbitzari xipiak, gogo honez goraintzi bake eta osagarri. Zeren baskoak baitira abil, animos eta jentil, eta hetan izan baita eta baita zientzia guzietan letratu handirik, miraz nago, jauna, nola batere ezten asaiatu bere lengoaje propriaren faboretan heuskaraz zerbait obra egitera eta eskributan imeitera, zeren ladin publika mundu guzietara bertze lengoajiak bezala hain eskribatzeko hon dela. Eta kausa honegatik gelditzen da abataturik, ezein reputazione bage; eta bertze nazione orok uste dute ezin deusere eskriba daiteiela lengoaje hartan nola bertze orok baitute eskribatzen berian. Eta zeren orai zuk, jauna, noble eta naturazkoak bezala baituzu estimatzen, goratzen eta ohoratzen heuskara, zuri, neure jaun eta jabia bezala, igorten darauritzut heuskarazko kopla batzu ene ignorantziaren araura eginak. Zeren, jauna, haiek ikhusirik eta korregiturik plazer duzun bezala, irudi bazautzu inprimi erazi ditzazun eta zure eskutik orok dugun joia ederra, inprimiturik heuskara, orano izan eztena; eta zure hatse honetik dadin aitzinerat augmenta, kontinua eta publika mundu guzietara; eta baskoek bertzek bezala duten bere lengoajian, eskribuz, zerbait doktrina eta plazer hartzeko, solas egiteko, kantatzeko eta denbora igaraiteko materia; eta jinen direnek gero duten kausa oboro haren abantzatzeko, eta obligatu giren guziak Jeinkoari othoiz egitera, dizun mundu honetan prosperoki bizia eta bertzian parabizuia. Amen. DOKTRINA KRISTIANA DOKTRINA KRISTAUA Munduian den gizon orok behar luke pentsatu Jangoikoak nola duien batbedera formatu, bere irudi propiara gure arima kreatu, memoriaz, borondatez, endelguiaz goarnitu. Ezein jaunek eztu nahi muthil gaixtoa eduki ez pagatu soldatarik zerbitzatu gaberik; Jangoikoa ari duzu hala hala gureki: gloriarik ez emanen hongi egin gaberik. Muthilek gure zerbitzutan deramate urthia, soldata aphur bategatik harzen pena handia. Jangoikoak behar luke guk bezanbat balia; zerbitzatu behar dugu emaitekoz gloria. Ogirik eztakusat bilzen hazi erein gaberik; nork zer hazi erein baitu, biltzen dizi komunki. Obra honak ukhenen du goalardona frangoki, baietare bekhatuiak punizione segurki. Zeren Jeinkoa egun oroz ongi ari baitzaigu, guk ere hala behar dugu harzaz untsa orhitu, gure hatse eta fina hura dela pentsatu, goiz et'arrats orhituki haren izena laudatu. Arratsian Arratsian etzitian gomend'adi Jeinkoari eta othoi begir'ezan peril guzietarik; gero iratzar adinian orhit adi bertarik zenbait ere orazione erraitera debotki Goizian Albadagik joan adi elizara goizian, Jeinkoari han gomenda bere etxe sainduian; han sartzian pentsa ezak aitzinian nor duian, norekila mintzo izan han agoen artian Ilherrian Hilez untsa orhit adi ilherrian sartzian, hi nolako ziradela bizi ziren artian; hek bezala hil behar duk eta ez jakin orduia; othoi egik Jeinkoari deien barkamenduia Batheiarria Elizara izanian so egik bateiarrira; pentsa ezak han duiala rezebitu fedia, Jeinkoaren grazia eta salbatzeko bidia; hari egin albaiteza lehen ezagutzia Gorputz sainduia Bertan gero so albaitegi non den gorputz sainduia; pentsa ezak hura dela hire salbatzalia; ador'ezak debozionez eta galde grazia azken finian eman diazan rezebitze dignia Kurutzea Kruzifika ikhus eta orhit adi orduian nola izan redemitu haren odol sainduiaz; hark erio haritu dik hiri leian bizia; pentsa ezak nola eman hari bere ordia Andre Dona Maria Andere hona den lekhura ailtxa itzak begiak; mundu oro eztakidik hura bezain balia; Jeinkoaren hurranena hura diagok glorian: graziak oro bere eskuian nahi duien orduian O, andere gloriosa eta ama eztia! zutan dago bekhatoren esperantza guzia. Ni zugana niatorkezu, bekhatore handia, arimaren salbatzera zu zakiztan balia. Sainduier Sainduier ere egin ezak heure ezagutzia, singularki nortan baituk heure debozionia; zein sainduren besta daten orhit egun berian eta noren izenetan fundatu den eliza; orhituki othoi egin, dakizkian balia. Orazione igandeko Miserikordiaz bethe ziraden jaun eztia, othoi, entzun iazadazu neure orazionia: Bizi nizan artian eta erioko phunduian zuk idazu, othoi, oso neure endelgamenduia, alteratu gabetarik zure fede sainduian gauzen untsa egiteko neure azken finian. Eta orduian zuk idazu indar eta grazia bekhatuiez ukheiteko bide dudan doluia, perfektuki egiteko neure konfesionia, neure bekhatuiez oroz dudan barkhamenduia, bai digneki errezebi zure gorputz sainduia, baietare behar diren bertze sagramenduiak. Etsai gaitza jinen baita tentatzera orduian nontik engana niroien bere arte guziaz, othoi, jauna, enguztazu lagun zure sainduiak en'etsaiak bentzi enazan neure azken finian. Ene arima orduian har, othoi, zure glorian, nola baita redemitu zure odol sainduiaz, eta nik han dakusadan zure begitartia eta sainduieki lauda zure majestatia. Goiz et'arrats egiten duk buluz eta beztitzia, gorputzaren zerbitzutan barazkari afaria; arimaren salbatzeko Jeinkoaren ohorian etzaiala, othoi, neke gauza hoien egitia, egun oroz ezin bada aste oroz igandian Gure artian haur dakusat itsutarzun handia, nola dugun zerbitzatzen hanbat gure etsaia; Jangoikua deskonozi gure salbatzalia eta orok ezagutzen dela bidegabia. Anhitz jendez miraz nago, neure buruiaz lehenik, nola gauden mundu huneki hain borthizki josirik hanbat jende dakuskula hunek enganaturik; oranokoak igorri'tu oro buluzkorririk eta eztute gerokoek hantik eskapatzerik. Person'oro hil denian hirur zathi egiten: gorputzori usteltzera lur hotzian egoizten, unharzuna ahaidiek bertan dute partitzen, arima gaixoa dabilela norat ahal dagien; hain biaje bortitzian konpainia faltatzen. Orhituki igandian behar dugu pentsatu zenbatetan egin dugun aste hartan bekhatu; orhit eta Jeinkoari barkhamendu eskatu, atorra nola arim'ere aste oroz garbitu. Bi pundutan diagozu gure gauza guzia: hongi egin badazagu segur parabizuia, bekhatutan hil dadina bertan kondenatuia. Bertze biderik ezin date; hobenari begira. Ehon ere eztakusat hain laxo den artzainik, otsoa khentzen eztuienik bere ardietarik; gure arimaz kargu dugu Jangoikuak emanik, nola gobernatzen dugun batbederak so begi; kondu hersi behar dugu harzaz eman segurki nori baitu bere odolaz karioki erosi; hala zinets eztazana dauke enganaturik. Kontenplatu behar dugu pasione sainduia eta sendi bihotzian haren pena handia; nola zagoen kurutzian oro zauriz bethia, huin eskuiak izaturik eta buluzkorria, Ohoineki urkaturik, nola gaizkigilia, eta arhantzez koroaturik mundu ororen jabia; haren gorputz prezioso eta delikatuia gaizki eskarniaturik eta zathikatuia. Elas, orduian nola zagoen haren ama tristia, haren ama maitia eta mundu ororen habia, pena hetan ekusteaz bere seme maitia eta hiltzen begietan mundu ororen bizia Bihotzian diraustazu gertuz, ama eztia, zure orduko doloriak eta bihotz zauriak: begiez nola zenakusan zure jabe handia orotarik lariola odol preziatuia; hek nigatik ziradela ari nuzu khonduia. Orhit adi nola duian egin anhitz bekhatu, heien kausaz merexitu anhitzetan hondatu, bere miserikordiaz nola huien guardatu eta dolu ukhen baduk bertan oro barkhatu; eta agian hik eginen bertan berriz bekhatu. Orhit adi Jengoikoaren majestate handiaz, zeruia, lurra, itxasoa dadutzala eskuian, salbatzia, damnatzia, erioa eta bizia, estenditzen orotara haren potestatia; ezi eskapa hari ehor, dauginian manuia. Mundu honetan badirogu batak bertzia engana, bana bertzian egiatik batbedera joanen da; nor nolako izan giren orduian ageriko da, egin, erran, pentsatuiak, ageriko guziak. Orhit adi Jeinkoaren justizia handiaz, nola orok behar dugun eman khondu hersia, egin oroz rezebitu gure merexituia, erioa dauginian, baita haren mezuia. Ordu hartan afer date hari apelatzia, hark ehori eztemaio oren baten ephia, ezetare estimatzen xipia ez handia; batbederak egarriko orduian bere haxia. Orduian zer eginen dut, gaixo bekhataria? Arartekoak faltaturen, kontra juje handia; abokatzen eztakike ehork haren gortian, ogen oro publikoki agerturen orduian. Elas, othoi, orok egin orai penitentzia, behar orduian eztukegu gero agian aizina; anhitz jende enganatu doa luzamenduiaz, seguraturik ehork eztu egun baten bizia. Gu girade egun oroz herioaren azpian; behar dugu prest eduki gure gauza guzia, gure gauzez ordenatu, oso giren artian, gero eztugun egiteko hezaz azken finian; arimaz aski egiteko badukegu orduian. Pentsa, othoi, nola gauden bi bideren erdian, salba bano damnatzeko perileko punduian; ehor fida eztadila, othoi banitatian; sainduiak etziraden sarthu banitatez glorian. Elas, othoi, hunat beha bekhatore guzia; bekhatuiaz damnatzen du Jangoikuak munduia; zeren hanbat bekhatutan deramagu bizia eta guhaurk gure faltaz galtzen gure buruia? Artzain orok biltzen ditu ardiak arratsaldian, lekhu honerat eramaiten eguraldi gaitzian; batbederak pentsa beza arimaren gainian nola salbaturen duen hura bere finian. Bekhatorek ifernuian dute pena handia, pena handi, izigarri, ezein pausu gabia; sekulakoz egon behar hango sugar bizian; zuhur denak, hara eztohen, egin penitentzia. Harmak erioaren kontra Erioa jaugiten da guti uste denian eta agian ez emanen konfesione ephia; hirur gauza albaditu ehork ere egiaz, nola ere hil baitadi, doha salbamenduian. Lehen egia O jaun hona, aitortzen dut bekhatore nizala eta gaizki egitiaz ogen handi dudala; nik baitzitut ofensatu bide eztudan bezala, dolu dizit eta damu zure kontra eginaz. Bigarren egia O jaun hona, gogo dizit oren present honetan goardatzeko bekhaturik bizi nizan artian; othoi, jauna, zuk idazu indar eta grazia gogo honetan irauteko neure bizi guzian. Heren egia O jaun hona, gogo dizit garizuma denian egiazki egiteko neure konfesionia, baietare konplitzeko didan penitentzia; othoi jauna zuk konfirma ene borondatia. Eta hoiek egiazki ehork hala ezpaditu, albailiaki duda gabe ezin dateiela salbu bere bekhatuiak oro baditu ere konfesatu; eta hala zinhets beza nahi eztenak enganatu. Apezek ez apezpikuk ezetare aita sainduk absolbatzen halakoaren ezein bothererik eztu; Jangoikua bethiere bihotzera so diagozu, guhaurk bano segurago gure gogua diakutsu; gogua gabe hura baitan hitzak oro afer tuzu. Regla ezak egun oroz onsa heure etxia; eure gauza guzietan emak dilijentzia; eta eure trabailuia duian penitentzia, Jangoikua lauda ezak gauza ororen buruian. Honekila albaiteza bethi ere konbersa, gaixtoeki ezin aite gaizki bezi probetxa; bertzer egin eztazala nahi ez ukeiena ezetare falta ere hiaurk nahi duiana; lege honi segi bedi salbu nahi duiena. Hamar manamenduiak Ador'ezak Jangoiko bat onhets oroz gainetik; haren izena ez jura kausa gabe banoki; igandiak eta bestak sanktifika debotki; aita eta ama ohora itzak, bizi izan luzeki; ehor erho eztazala ezetare gaitzetsi; nork beria baiezila emazterik ez hunki; bertzerena eztazala ebatsi ez eduki; fama gaitzik eztemala lagunari faltsuki; bertzen emazte alabak ez desira gaixtoki, ezetare unhasuna, lekot bedi justoki. Manamenduiak hoiek dira, Jangoikuak emanik; hok begira dizagula, salba giten hegatik. Judizio jenerala Judizio jeneralaz nola orhit eztira, bekhatutan bizi dira bethi bere aisira; egun hartan gal ezkiten, aitzinetik begira, han orduian eztukegu ehork ere aizina; harzaz untsa orhitzia zuhurtzia handi da. Arma! arma! mundu oro judizio handira! Zeru eta lur ororen kreadore handia munduiaren jujatzera rigoroski heldu da; nola gauden aphaindurik bat bederak begira. Manamendu igorten du mundu guzietarik jende oro bat dakion Josafaten bildurik; ehon ere ehor ere eskapatu gaberik zeru eta lur guzia daude ikharaturik. Erioa manatzen du, ezein falta gaberik hilak oro dakatzela aitzinera bizirik, hantik harat eztukela bothererik jagoitik; mundu oro jarriren da bi lekutan hersirik: glorian ezpa ifernuian; ezta eskapatzerik. Manatzen du ifernuia handi eta bortizki han direnak igor'itzan luzamendu gaberik, arima eta gorputzetan nahi tuiela ikusi eta emanen daraiela zer baitute merezi. Jende honak, onsa pentsa juje hunen gainian nola duien guzietan potestate handia, erioan, ifernuian, zeru eta lurrian. Zeren dabil haren kontra, bada bekhatoria? Gure artian haur dakusat itsutarzun handia, nola dugun zerbitzatzen hanbat gure etsaia; Jangoikoa deskonozi gure salbatzalia eta orok ezagutzen dela bidegabia. Harren bier emanen du sententzia pizuia elgarreki pena diten ifernuko garrian, sekulako suian eta ezein pausu gabian. Orok, othoi, onsa pentsa zer den irabazia. Egundano ezta izan, ez izanen jagoitik, judizio hain handirik ezetare borthitzik; sortu eta sortzekoak, hilez gero pizturik, orok hara behar dute eskusatu gaberik. Anhitz gauza behar dira judizio handian: jujeak duien potestate parte ororen gainian, demandantak erran dezan bere kausa egiaz, baietare defendentak bere defensionia; porogatu datenian nork dukeien zuzena, sententziaz eman dezan jujiak nori beria. Egun hartan juje date mundu ororen jabia, baitu ororen gainian potestate handia; akusari bera date eta kontzientzia; bekhatu oro publikoki ageriko orduian. Bekhatoren kontra date orduian mundu guzia, zeren duten ofenditu haien kreatzalia; ordu hartan ixil dauke triste bekhatoria; orotarik zerraturik daude pausu guziak. Juje jauna iraturik egonen da gainetik, irestera aphaindurik ifernuia azpitik, etsai gaitza akusatzen ezkerreko aldetik, bekhatuiak eskuinetik mintzaturen publiki: hire kontra heben gituk, ihaurorrek eginik. Gaizkienik kontra date kontzientzia barnetik. Estaltzeko ez izanen ehon ere lekhurik; agertzera nork eginen ordu hartan bathirik? Mundu oro egonen da haien kontra jarririk, sainduak ere ordu hartan oro egonen ixilik, jujeak ere ez entzunen ezein ere othoiik; egun harzaz orhit giten, othoi, hara gaberik. Non dirate egun hartan hebengo jaun erregiak, duke, konde, markes, zaldun eta bertze jaun nobliak eta haien armadako gizon sendoen balentiak? Ordu hartan baliako guti haien potentziak. Jurista eta theologo, poeta eta doktoriak, prokurador, adbokatu, juje eta notariak? Ordu hartan ageriko klarki haien maliziak eta guti baliako kautela eta parleriak. Aita saindu, kardenale, aphez eta prelatuiak? Berez eta ardi oroz eman behar han konduia; egun hartan handiena izanen da erratuia eta bardin jujaturen handia eta xipia. Afer date egun hartan hari apelatzia, ehon ere eztazagu jaunik bere gainian; malizia gaitzi zaika eta maite egia. Elas, othoi, orok egin orai penitentzia, egun hartan gero eztugun egiteko handia. Seinaliak jinen dira aizinetik tristerik; elementak ebiliren oro tribulaturik, iguzkia, ilhargia odoletan etzinik, itxasoa samurturik goiti eta beheiti, hango arrainak iziturik ebiliren jalgirik. Eta lurra izigarri oro ikharaturik, zuhamuiek dakartela odolezko izerdi; tenpestatez, igortziriz, aire oro samurrik; mendi eta harri oro elgar zatikaturik; mundu oro jarriren da suiak arrasaturik. Juje jaunak manaturen bera jaugin gaberik, gauza oro xahu dezan behin suiak lehenik, satsu eta kirats oro dohen mundu guzitik; eta hala jarriren da lur guzia errerik. Tronpeta da mintzaturen mundu guzietarik: Hilak oro jaiki huna zuien hobietarik. Arima eta gorputzetan oro bertan pizturik, orok hara behar dugu eskusatu gaberik. Justu oro iganen da bertan goiti airian eta egonen eskoinetik jujearen aldean; bekhatoreak dolorezki sugarrian lurrian, harik eta dantzuteno sententzia gainian. Dagoenian jende oro aitzinian bildurik, jauginen da rigoroski sainduieki zerutik; Josafaten egonen da airian gora jarririk, bekhatorer eginen du arrangura handirik; haren hitzak ezarriren oro erdiraturik. Hartu nahi zuienian pasione saindua, haren kontra jin zenian armaturik jendia, hitz huts batez iziturik egotzi'tu lurrian. Juiatzera dauginian majestate handian, nola eztu lotsaturen ordu hartan munduia? Erranen du bekhatorer dolorezki orduian: Nizaz ezineten orhit bizi zinetenian. Hanbat ongi nik eginik zuier zuien mendian, esker hon bat ukhen eztut zuieganik bizian. Zer ere hon baituzuie oro dira eniak: gorputz eta hon guziak baietare arimak; zuiendako egin ditut lurra eta zeruiak, iguzkia, ilhargia eta fruktu guziak. Suiak bero, hurak xahu hats hartzeko airia, ainguruiak zuien goarda ararteko sainduiak, zuiegatik ezarri dut gero neure bizia; hoiegatik orogatik zer da zuien pagia? Ikhusirik anhitzetan beharrian pobria, eri, gose, egarria eta buluzkorria, ene izenian anhitzetan galdeginik limosna, zuiek ukhen baituzuie hezaz guti ansia. Bai erhoki konplazitu ene kontra etsaia, demonio, haragia baietare munduia. Orai dela zuiendako maradizionia, ifernuko suia eta jagoitiko nekia eta zuien konpainia demonio guzia. Ezta anhitz luzaturen etsekuzionia, bertan date irekiren lurra oren berian, su hareki iretsiren oro bere barnian; haur izanen bekhatoren undar irabazia. Elas, nola izanen den heben damu handia, damu handi, izigarri, remedio gabia, hanbat jende sekulakoz damnaturen denian. O, jaun huna, zuk gitzazu othoi hantik begira! Beretara itzuliren ditu gero begiak: Goazen oro elgarreki ene adiskidiak, bethi eta sekulakoz gauden ene glorian, desir oro konpliturik alegria handian. Hantik harat ezta izanen bi erretatu baiezi: damnatuiak ifernuian bethi dolorereki; salbatuiak Jeinkoareki bethi alegeraki. Jangoikuak dagiela gure partia hoieki. Zeruia ezta ebiliren hantik harat jagoitik, iguzkia egonen da orienten geldirik, ilhargia okzidenten begiz begi jarririk; egun honek iraunen du eben eta jagoitik; alabana ez izanen heben gauza bizirik. O, jaun hona, zu zirade gure kreatzalia; bekhatore bagir´ere oro gira zuriak; gure faltaz gal eztadin, othoi, zure egina, bekhaturik garbitzazu, othoi, gure arimak. Baldin erideiten bada gutan falta handia, are duzu handiago zutan pietatia. Zuretarik giren, othoi, egiguzu grazia; zure ama anderia dakigula balia. Orazionia Abe Maria, anderia grazia oroz bethia, Jeinkoaren ama birjen berak ordenatuia, zeru eta lur ororen erregina dignia, bekhatoren adbokata eta konfortaria. Ni zugana niatorkezu, bekhatore handia, karioki othoitzera zu zakiztan balia, digne ezpaniz aipatzera zure izen sainduia ez jitera aitzinera zeren bainiz satsuia. Miserikordiaz bethe ziren andere handia, enazazula othoi iraitz eta ez menosprezia; zuk gibela badidazu, elas, ama eztia, ordu hartan diakusazut galdu neure buruia. Hanbat nuzu gauza orotan ni berthute gabia, oren oroz bekhatutan nabilena galduia eta bethi erratiua nola ardi itsuia, mundu hunek, haragiak, bethi enganatuia. Zu baitzira grazia ororen ama eta iturburuia, berthute eta hon guzien thesorera handia, egundano bekhatutan makulatu gabia, berthutetan segitzeko egidazu grazia. Zutan dago bekhatoren remedio guzia, esperantza, osagarri eta salbamenduia; zuk gibela demazuna nola baita galduia, zure gomenduian dena halaber da salbuia. Jeinkoak zuri eman dizi potestate handia, haren ama ziren gero, ama ere maitia, zeru eta lur orotan duzun hanbat balia, zer zuk galde baitagizu, den konplitu guzia, eta zure eskutik duten bertze orok grazia eta salba zuk dezazun zuri gomendatuia. O andere exzelente, ezein pare gabia, salbatuietarik nizan egidazu grazia. Zuri gomendatzen nuzu hila eta bizia, neure gorputz eta arima eta dudan guzia; othoi, behar orduietan zu zakitzat balia eta, othoi, zuk goberna ene bizi guzia, eta irabaz Jeinkoaganik indar eta grazia bekhatuiez egiteko untsa penitentzia eta gero berthutetan deramadan bizia eta egin gauza orotan haren borondatia. Begira, othoi, meskabutik ene gorputz pobria; bekhatutan hil eznadin egidazu grazia, sekulakoz damnaturik enoian galduia, bana zure eskutik dudan salbatzeko bidia. Eta gero dauginian ene eriotzia, arimaren partitzeko oren izigarria, ordu hartan behar baitut eman kondu hersia, egin oroz rezebitu neure merexituia. Eta ez jakin lehen gaoian non daten ostatuia, ezetare, zu ezpazira, nor dakidan balia; ordu hartan hel zakitzat, othoi, ama eztia, ararteko leial eta neure aiutaria. Othoi, zure gomenduian har arima tristia, ordu hartan jo eztezan ifernuko bidia; zure seme jaunareki egidazu bakia, bekhatuiak barkhaturik didan parabizuia. Eta nik han dakusadan zure begitartia eta sainduieki lauda haren majestatia. Zeren untsa orhit ziten nizaz, ama eztia. gogo honez erranen dut zuri Abe Maria. Orazione haur derrana, andredona Maria, othoi, gomendatu duzun hila eta bizia. AMOROSEN GAZTIGUIA MAITALEENTZAKO AHOLKUA Bertzek bertzerik gogoan eta nik andredona Maria. Andre hona dakigula guzior, othoi, balia! Amorosak nahi nuke honat beha balite; hon lizaten gaztigurik agian entzun liroite, amore bat hautatzeko kontseilu bat nekeie, balinetan sekulakoz gogoan sar balekie. Nihaurk ere ukhen dizit zeinbait ere amore, bana hantik eztut ukhen probetxurik batere; anhitz pena, arima gal, harena eta neuri'ere; amoretan plazer baten mila dira dolore. Amoretan othe date leial denik batere, hitz ederrez ezpa joiaz mutha eztadin hura ere? Hoben uste duienori anhitzetan traidore, hobena date gaitzenik arimaren berere. Bekhatuzko amoria bethi date traidore; erioa dauginian egia zogeri date; hartu duten plazer oro orduian iragan date; bekhatuia gelditzen da penatzeko gero ere: anhitz plazer ukhen badu, anhitz behar dolore. Amore bat nahi nuke liadutanik egia, bizi eta hilez gero hain lakidan balia; zerbitzatu nahi nuke halakoa bizian; heben labur bizia da, jagoitikoz bertzia. Mundu oro iraganik ez eriden bertzerik, Jeinkoaren ama hona grazia oroz betherik; haren amore izateko ezta ehor dignerik; untsa zerbitza dazagun maite gitu bertarik. Amoriak bano dira harzaz bertze guziak; behar handien denian faltaturen bertziak; uste bano lehen gira hiltzen bekhatoriak; hark aiuta ezpagitza, nola giren galduiak! Andre hona har dazagun orok gure amore, bertze oro utzi eta egin hari ohore; hala egin badazagu, ohoratu girate. Bertzegatik hura gabe oro galdu girade. Jeinkoaz landan mundu orok eztu hanbat balia, zeruia, lurra, itxasoa, haren peko guzia. Orotara hedatzen du, behar bada, eskuia. Bera handi izan arren, preziatzen xipia; halakoa utzi eta, non dukegu bertzia? Bertze amoreak baten bezi eztirade perestu, nork beria bertziari eztu nahi partitu; ama birjen gloriosa hanbat bada konplitu, ororentzat bera baita, leial dela, abastu. Amorosek badagite behin bere nahia, handiago jiten zaie bertze nahikaria; ezi ukhen behin ere bere konplimenduia. Bethi peitu deramate bere mende guzia. Emazte eta gizon orok, har amore Maria eta orori baitekegu berak konplimenduia. Andre honak ukhen dizi ederretan grazia ehork hura gaixteriaz ezin lezan inbia, bana bistaz hiltzen zuien nahikari satsuia. Figuraren ekhustiaz dakikezu egia. Itxasoan hur guzia, zeruietan izarra, oihanetan itzalori, lur guzian belharra, egunari iguzkia, gau beltzari ilhuna lehen faltaturen dira ezi hura gugana, balinetan egiazki gu bagaude hargana. Zeren, bada, erho gira gaixo bekhatariak? Andre leial honegana goazen, othoi, guziak! Elas, othoi aribira bertze amore faltsuiak! Harekila segur dugu behar dugun guzia. Elas, amoros gaixoa, hire enganatuia, erhogoatan badaramak eure mende guzia! Ene andere graziosa ezpadakik balia, bai bizian bai hilian bethi oha galduia. Denbora duian artian egik ahal hongia; erioa dauginian miraz dukek orduia; Orduian ere, nahi baduk onsa jalgi dagia, onsa hari gomend'adi; nik diotsat egia: finian ere eztik uzten hark galtzera beria; orduian ere bere eskuian dik grazia guzia. Mundu honek anhitz jende enganatu darama, jagoitikoz bizi ustez haren sehi dabiltza; guti uste duienian ehor utzi darama; Erho jokhatuia date hartan fida dadina. Nihaur ere ebili niz anhitzetan erhorik, gaoaz eta egunaz ere hotzik eta berorik; loa galdu, pena aski, bana ez arimagatik. Orai oro nahi nuke liren Jeinkoagatik. Ni bezala anhitz duzu halakorik munduian mende oro dohatenik bethi banaglorian. Ohart giten buruiari denbora den artian, andre honak har gitzake gomendutan agian; hanbat bada graziosa ama ororen gainian, jin dadinik eztu uzten hartu gabe grazian. Kulpa gabe ehor ezta; haur da segur egia. Bekhatuiaz damnatzen du Jangoikoak munduia; bekhaturik ezta izan zutan, andre handia; ararteko zakizkula, digun barkhamenduia. Bekhatoren salbatzeko Jeinkoak egin zinduzen, bere buruia egin dizi juje justiziaren, zu miserikordiaren refugio zinaden, nola berak justizian ezin salba litzake, zure miserikordiaz remedia litezen, balinetan egiazki zugana jin balite. Egundano ezta izan ez izanen jagoitik bekhatore hain handirik ezetare satsurik, bere bidian jaugin bada zuri gomendaturik, ukhen eztuien barkhamendu zure amorekatik. Ez galdu da ez galduren zure gomendukorik; zuri gomendatzen gira hilik eta bizirik. Bertze emaztiak ama dira zenbait haurto xipiren eta gero obororik puntzela ezin dirate. Zu, anderia, ama zira birjinarik Jeinkoaren eta geroz erregina zeru eta lurraren. Jeinkoa jaun den gauza ororen zu zirade andere; arrazoin da mundu orok dagien zuri ohore, ezi hala ari zauku Jesu Kristo bera ere; zuk bezanbat dignitate mundu orok eztuke. O, anderia, ezin date ehor zure bardinik, gainekorik zuk eztuzu Jeinko beraz bertzerik, Jeinko ezten bertze oro dago zure azpitik, Jeinkoaren ama zira mundu oroz gainetik. Mundu orok eztu egin zuk bezanbat hargatik, orogatik bano oboro hark ere daidi zugatik. Bere ama ezin utzi obeditu gaberik; othoi, grazia egiguzu giren zuienetarik. Untsa zuk har banentzazu gomendutan gogotik, ezin damna naindeiela zinesten dut segurki. Anhitz begiratu duzu galduren zenetarik, niri ere hel zakitzat, othoi, galdu gaberik. Ehon ere gaitzik ezta zuk khen eztirozunik, ezetare hontasunik zure eskuian eztenik; denbora eta lekhu orotan ezin duda gaberik graziak oro zure eskuian Jangoikoak emanik. Nahi duiena hala duke amak semiaganik, seme honak anhitz daidi amaren amorekatik. Gure natura haritu du zutan amoraturik; Jangoikoa ezarri duzu gure anaieturik. Haren eta gure ororen ama zira dignerik; amak eztu sofritzeko semen artian gerlarik; samurturik badakutsu gure gaizkiegatik, ororen ama zira eta bake gitzazu bertarik. Orai egiten diraden gaizki handiegatik Jeinkoak ondatu zukeien lur guzia engoitik, balinetan zu ezpazina ararteko gugatik. Oro sostengatzen gaitu zure othoiegatik, gu gaixtoak izan arren ezten zutan faltarik. Fin honera hel gitzazu, giren salbuietarik. Ama eztia, nik badagit zure kontra faltarik, zuk gaztiga eta dreza nazazu, othoi, bertarik. Elas, norat ihes naidi, zu neure ama utzirik? Neuretako eztazagut zu nolako amarik. EMAZTEN FABORE EMAKUMEEN ALDE Emaztiak ez gaitz erran ene amorekatik. Gizonek utzi balitzate, elaidite faltarik. Anhitz gizon ari bada andrez gaizki erraiten, arhizki eta desoneski baitituzte aipatzen, ixilika egoitia ederrago lizate. Andrek gizoneki bezi hutsik ezin daidite. Zuhur gutik andregatik gaizki erran diroite; haiez hongi erraitea onestago lizate . Emazteak zerengatik gaitz erranen dirate? Handi eta xipi oro haietarik girade. Balentia sinplea da andren gaitz erraitea, bat gaitz erran nahi badu, oro bardin sartzea. Ixil ladin nahi nuke halako den guzia; Damu gaitzik emazteak hari eman dithia. Andren gaitz erraile orok behar luke pentsatu bera eta bertze oro nontik ginaden sorthu; ama emazte luien ala ez nahi nuke galdatu. Amagatik andre oro behar luke goratu Gizonaren probetxuko emaztia bethi da ; oro behin haietarik sortzen gira mundura. Sorthu eta hil ginate hark haz ezpaginitza; haziz gero, egun oroz behar haren aiuta. Haren eskuz osoan behar soinera eta jatera; eri denian, andre gabe galdu gizon egurra. Hil badadi, hura nola nor doake gainera? Ordu oroz behar tugu; ezta heben zer duda. Emazterik ezten lekuian eztakusat plazerik; ez gizona ez etxia behin ere xahurik, etxian den gauza oro gaizki erreglaturik; parabizuian nahi enuke emazterik ezpaliz. Emaztiak eztut entzun lehen gizona jaukirik, bana gizonak emaztia bethi ere lehenik. Gaixteria jalgiten da bethi gizonetarik; zeren, bada, daraukate emaztiari hogenik? Bertuteak behar luke gizonetan handiago; emaztetan nik dakusat hongiz ere gehiago. Mila gizon gaixtorik da emazte batendako; gizon baten mila andre bere fedean dago. Hek gizoner beha balite, elizate bat honik; eztiroite deuskai denik utzi jauki gaberik; bana anhitz emazte da eskapatzen zaienik, anderetan zeren baita bertutea hobenik. Nik eztantzut emaztiak bortxaturik gizona, bana bera zoraturik andriari darraika. Zenbait andre hel baledi oneriztez hargana, zein gizonek andriari emaiten du ogena? Jeinkoak emaztea maite mundu oroz gainetik. Zerutika jaitsi zedin harzaz amoraturik; emaztiak ezarri du gure anaieturik. Andre oro laudatzeko haren amorekatik. Irudi zait emaztia dela gauza eztia, donario guzietan guziz gauza emia. Gaoaz eta egunaz ere badu plazer handia. Harzaz gaizki erraitia bilania handia. Munduian ezta gauzarik hain eder ez plazentik nola emaztia gizonaren petik buluzkorririk; beso biak zabaldurik, dago errendaturik, gizonorrek dagiela harzaz nahi duienik. Jo badeza dardoaz ere gorputzaren erditik, ainguruiak bano oboro ez larrake gaizkirik. Bana dardoa ematurik, zauri'ere sendoturik, bere graziaz ezarteintu elgarreki baketurik. Nor da gizon modorroa harzaz orhit eztena eta gero halakoa gaitz erraiten duiena? Ezta gizon naturazko hala egiten duiena. Zeren eztu ezagutzen hala hongi egina. EZKONDUIEN KOPLAK EZKONDUEN KOPLAK Jangoikoa, edetazu bertzerena gogotik! Bera kaptiba da eta ni gathibu hargatik. Ni gathibu nadukana kaptiba da bertzeren. Ene ditxak hala egin du ni gathibu bigaren. Gogo honez izanen niz, bizi baniz, bataren, bana bortxaz baiezila ez jagoitik bertziaren. Bertzerena har dazanak beretako amore oborotan ukhenen du plazer bano dolore. Batzarriak bekhan eta beldurreki dirate; guti uste dutenian gaitza bertan sor daite. Honestea bertzerena erhogoa handi da. Plazer baten ukhenen du anhitz malenkonia. Begiez ikus, ezin mintza; han dakusat nekia. Beriareki datzanian, enetako aizia. Perileki baiezila ezin noake hargana eta agian, hark orduian ezpaituke aizina. Badu ere, beldur date; bertan doha harzara. Nik nahien dudanian, bertzek besoan daratza. Alhor hartan hel badakit ereitera hazia, eta ene bada ere lastoa eta bihia, ez bat hori ahal duket, ezetare bertzia. Lan eginaz esker gaixto, galdu irabazia. Bertzerentzat gelditzen da ene zuzenbidia. Agian gero alabareki ezkonduko semia. Amoria ehork ere eztu nahi partitu. Nik eztakit bertziak bana ni ari niz bekhatu. Beriareki ekhustiaz hain hain noha penatu! Hek dostetan, ni neketan, orduian errabiatu! Jelosiak eztitzaket nik gaitz erran sekula. Maite nuiena nahi enuke ehork hunki liazadan. Bertzerenaz izan nuzu amoros lekhu batetan, beriagana jelosturik desesperatzer nintzan. Amoria ezin zentzuz ezin daite goberna. Anhitzetan honesten du guti behar duiena. Arnoak bano gaizkiago ordi diro persona. Sarri estaka, berant laxa hark hatzeman dezana. Amoria itsu da eta eztazagu zuzena. Eztu uste bertzerik dela lekot maite duiena. Suiak bano gaizkiago erra diro gizona. Itxasoak ez iraungi eratxeki dadina. AMOROS SEKRETUKI DENA ISILPEKO MAITALEA Andre eder jentil batek bihotza deraut ebatsi. Harzaz orhit nadinian, deus ere ezin iretsi. Nik hura nola nahi nuke hark banentza onhetsi. Ezin benturatuz nago beldur dakion gaitzi. Mirail bat nik ahal banu hala luien donoa, neure gogoa nerakutson sekretuki han barna, han berian nik nakusen harena ere nigana, hutsik ezin egin nezan behin ere hargana. Ene gaizki penatzeko hain ederrik sortu zen! Gaoaz eta egunaz ere gaizki nizi penatzen. Harekila bat banadi, bihotza zait harritzen. Neure penen erraitera are eniz ausartzen. Ene gogoa baliaki, maite bide ninduke. Ni errege balin banintz, erregina lizate. Hura hala nahi baliz, elgarreki ginate; haren haurrak eta eniak aurride oso lirate. Balinetan nik banerro hari neure bihotza eta gero balin balit respuesta bortitza, dardoak bano lehen liro erdira ene bihotza. Duda gabe eror nainde han berian hilhotza. Artizarrak bertzetarik abantaila darama. Halaber da anderetan ni penatzen nuiena. Hanbat da eder eta jentil, harzaz erho narama. Zori honian sortu date haren besoan datzana. Ene gogoa nola baita zuzen jarri hargana, haren'ere Jangoikoak dakarrela nigana, Ene pena sar dakion bihotzian barrena, gogo hunez egin dazan desiratzen dudana AMOROSEN PARTITZIA MAITALEEN ALDENTZEA Parti albanengidio, hark ezluke parerik; Alabana nik eztizit hain hon deritzadanik. Amore bat onhetsi dut guziz soberatuki; ene arima eta bihotza josi dira hareki. Haren irudi ederrori begietan ehoki; harzaz orhit nadinian, bihotza doat ebaki. Nik hargana hanbat dizit amorio handia, harekila egoitiaz ezpaneinde enoia. Harganiko partitzia ene eihargarria; berriz ikus dirodano, bethi malenkonia. –Elas, ene amoria, nola nuzun penatzen, zurekila ezin bathuz bihotzian erratzen! Ene gaizki penatzeko segur sorthu zinaden. Penak oro hon lirate zu bazina orhitzen. Mintzatzeko zurekila gau bat nahi nikezi, hilabete konpliturik hura luza baledi, arranguren khondatzeko asti nuien frangoki, ezein ere beldur gabe egoiteko zureki. Orai porogatzen dizit dakitenen errana: ehork utzi eztazala eskuietan duiena. Elas, itzul albaneza iragan den denbora, segur orai enikezi dudan gogoanbeharra Denbora hartan ohi nizin nik zugatik dolore; orai aldiz zure faltaz muthatu niz ni ere. –Malenkonia etzitela; badukhezu amore; bana ordu bazinduke zentzatzeko zuk ere. Badakizu, dolorian partaide niz ni ere, eta zure muthatzeko ez ogenik batere. –Neure gaizki penatzeko har zintzadan amore; jagoitikoz ukhenen dut nik zugatik dolore. AMOROS JELOSIA MAITALE JELOSKORRA –Beti penaz izatia gaitz da, ene amore. Beti ere behar duta nik zugatik dolore? Amore bat ukhen dizit miragarri jentilik. Harekila nintzanian enuien nik faltarik. Nik jagoitik ezin nuke hura bezain maiterik. Haren minez orai nago ezin hilez bizirik. Norkbait ere amoria niri daraut muthatu. Nik eztakit zer den, bana estamendu berri du. Ohi nola aspaldian nahi etzait mintzatu. Zerk andere hantu duien behar dizit galdatu. Sekretuki behar dizit harekila mintzatu. Ordu hartan jagoitikoz etsai ezpa baketu. Niri untsa ezpadagit, behar dizit pintatu; ene buruia ziaidazu harendako abastu. –Amoria, nor izan da gure bion artian? Muthaturik bazabiltza ia aspaldi handian. Nik zugana dakidala faltatu eztut bizian. Biok behin sekretuki nonbait mintza gitian. Ehon ere eztakusat nihaur bezain erhorik. Nik norgatik pena baitut hark ene eztu axolik. Zuhur banintz, banintzande ni ere hura gaberik; alabana, ezin utzi behin ere gogotik. Jende honak, bihotza daut bethiere nigarrez, neure amore xotiltua galdu dudan beldurrez. Gaoaz lorik ezin daidit haren gogoanbeharrez; gogoanbehar handi dizit bethe nuien adarrez. Jangoikoa, edetazu amoria gogotik eta haren irudia ene begietarik! Hark nigana eztaduka untsa leialdaterik. Ni ere elikaturen niz orai hura gaberik. Saroia da lohitu eta eztut haren beharrik. Nahi badut, ukhenen dut orai ere berririk. POTAREN GALDATZIA MUSU-ESKEA –Andria, Jeinkoak drugazula! Orai berdi girade. Ni errege balin banintz, erregina zinate. Pot bat othoi egidazu; etzaizula herabe! Nik zugatik dudan penek hura merexi dute. –Eia, horrat apart'adi! Nor uste duk nizala? Horlako bat eztuk uste nik ikusi dudala. Horrelako hitz gaixtorik niri eztarradala. Bertzer erran albaititza; enuk uste duiana. –Andre gaixtoa bazinade, nik eznaidi kondurik. Ziren zirena baitzira, zuzaz pena dizit nik. Ene ustian, eztut erran desonesta den gauzarik. Pot bat niri eginagatik, etzinduke laidorik. –Hire potak, baziakiat, bertze gauza nahi dik. –Anderia, azti zira nihaurk erran gaberik! –Bada, utzi albainenzak ni holakoz ixilik! –Horrein gaitz ziraden gero, eginen dut bertzerik. Bizi nizan egunetan, bada, etzitut utziren; nik zer orai nahi baitut, heben duzu eginen. –Uste diat eskuiarki ez izala burlatzen. Gizon hunek orai nuia heben laidoz beteren? Eiagora, nik zer daidit? –Zaude ixilik hanbaten Etai lelori bai lelo pota franko, bertzia bego! Andria, mintza albaitzinde bertze aldian emiago. AMOREZ ERREKERITZIA MAITASUN-ESKARIA –Benedika fortuna! Ala enkontru hona! Orai begietan dizit desiratzen nuiena. Ene maite maitena, egidazu zuzena! Joan duzuna ekhardazu, ezpa eman ordaina. –Nik dakidan gauzarik eztadukat zurerik. Lotsaturik jarri nuzu, ezpaitakit zegatik. –Eztuzula beldurrik, eztukezu perilik. Gure auzian ezta izanen zuhaur bezi jujerik. –Eztut egin gaizkirik ukheiteko perilik, ezetare zerengatik behar dudan auzirik. –Bada, neure maitia, nik diotsut egia: arrobatu nuzu eta balia bekit neuria. –Ni enuzu ohoina arrobatzer nizana. Orai, othoi, enadila ogen gabe difama. –Enetako ohoin zira ohoin ere handi zira Nik beharren nuien gauza daramazu zurekila. –Ni enuzu jakintsu; klarki erran ezazu, ehork untsa adi zitzan nahi balin baduzu. –Gizonak duien maitena baietare hobena bihotzeko pausuia du eta bere lo huna. Orai lorik ezin daidit, bihotzian ez pausurik. Haiek biak galdu ditut, amoria, nik zugatik. Untsa pentsa badezazu, gaizki arrobatu nuzu; zor handian zaude eta othoi untsa egidazu. –Galdu balin badituzu, zeren ogen derautazu? Nik dakidan lekhutarik ni baitara eztituzu. –Orai egun batetan zenaudela pentsetan, hanbat zuzaz amoratu geroz nuzu penatan. –Horla erraitia erraz duzu; erho botzen badakizu. Zure pena diozunok nonbait handi bide'ituzu. –Hanbatere handi tuzu, ezin erran nitzakezu. Egiara baziniaki, urrikari nangidizu. –Penak handi badituzu, axeterrik aski duzu. Sarri sendoturen zira; larruiori oso duzu. –Zauri banintz larruian, bada axeter herrian. Ene mina sendo ez liro zuk baiezi bizian. Zure irudi ederrak eta maina jentilak gaizkiago zauri nizi ezi dardo zorrotzak. Bihotzian zauri nuzu eta gathibatu nuzu. Amoretan har nazazu; nik dudana zure duzu. Ametsetan, agerritan, ni zugatik doloretan. Hitz bat honik erradazu hil ez nadin, othoi, bertan. –Zer nahi duzu darradan gauza horren gainian? Ni nolakorik aski duzu bertzerik ere herrian. –Bertze oroz gainetik hanbat maite zitut nik, mundu oro utzi niro zure amorekatik. Albanerra egia, nik dut pena handia. Sekretuki mintza giten biok, othoi, maitia. AMOROSEN DISPUTA MAITEMINDUEN LISKARRA –Uztazu hurrantzera, amore maite! Orai partitzeko damu ginate. –Amoriak, othoi parti gitezen, jendiak diradela hasi bekhaitzen. Laidok hartu gabe geldi gitezen, jendek irrigarri gerta ezkiten. –Elas, amoria, ene galduia! Jamas zurekila enainde enoia. Bizirik partitzia pena handia. Honein sarri utzi nahi nuzuia? –Nihaurk ere gerthuz maite bazitut; onerizte gabez uzten etzitut. Bana Jeinkoaren nuzu beldurtu; sobera digizi egin bekhatu. –Orano, amorea, gazte gituzu; Jeinkuaz orhitzeko lekhu diguzu. Are elgarreki behar diguzu. Orai partitzeko damu gituzu. –Bekhatu honetan hilen bagina, damnatu lukezu ene arima. Etzitela engoitik nitan engana; niri phorogurik eztidazula. –Zineste bat dizit gogoan honela: nik nola dadukat amore zugana, Jeinkoari ere eder zaikala; hargatik gaitzetsi ezkitzakela. –Horlako lausenguz utzi nazazu; nola erhoturik narabilazu. Othoitzen nitzauzu: niri euztazu. ene gogoa untsa eztakusazu. –Nola diostazu horlako hitza? Bethi dadukazu tema borthitza. Joan daraudazu lehen bihotza, gero gathibatu neure gorputza. –Horlazeko erantzutez utzi nazazu! Geldi bazinite nahi nikezu. Gure etxian ohart badakizkigu, biok jagoitikoz galdu gituzu. –Jendiak so daudia bethi gugana? Nihaurk sekretuki nator zugana; zuhaurk dakikezu noiz den aizina. Neke etzaizula jitia nigana. –Pitxer ebilia hautsi diohazu; zuk ni laido handiz betheren nuzu. Othoitzen nitzaizu, niri uztazu; nizaz atseginik ezin dukezu. –Amore maitia, diotsut egia: zutan diagozu ene bizia; nahiago dizit zure ikhustia, ezi neuretako herri guzia. –Horlako lausenguz utzi nazazu. Ixil bazinite nahi nikezu. Jeinkoaz orhitzeko ordu lukezu. Bertzerik har ezazu; niri uztazu. –Jeinko beldurturik jarri ziraia? Halaz despeditu nahi nuzuia? Hebetik joan gabe ene buruia egin behar duzu ene nahia. –Orai nahi nuzuia heben bortxatu? Aldi honetan, othoi, utzi nazazu! Bertze aldi batez jinen nitzaizu; nahi duzunori orduian daidizu. –Haraitzinakorik duzu errana utzi dazanorrek eskuian duiena, nahi duienian eztukeiela. Hizak haribira, dugun egina! –Orai egin duzu nahi duzuna. Eman darautazu ahalgeizuna. Maradikatzen dut neure fortuna, zeren jin bainendin egun zugana. –Amore, etzitela othoi despara! Honat begitartez itzul zakitzat! Ni baitan dukezu adiskide bat; balia dikezit senhar gaixto bat. ORDU GAITZAREKI HORRAT ZAKITZAT! ZOAZ HEMENDIK ORDU GAIZTOAN! Orai behar duguia konkista berri? Eztei iraganez gomitu handi? Hanbat etzirade andere larri. Merexi duzuna narzake sarri. AMORE GOGORRAREN DESPITA MAITALE BIHOZGABEAREN ERDEINUA Andre eder jentil batez hautatu zait begia. Herri orotan gauza oroz eztu bere paria. Othoitze bat banegion larradala egia, biderikan lizatenez nintzan haren grazian Respostuia eman deraut luzamendu gaberik: –Kortesiaz hon deritzut nik zuri hain segurki. Bertzerik nitan eztukezu; abisatzen zitut nik. Gazte zoroa nizan arren, enukezu hargatik. –Zu gaztia bazir'ere, adimendu hon duzu. Nik zugatik dudan pena, othoi, sendi ezazu; zuretako har nazazu, bizi nahi banuzu. Ni zugatik hil banadi, kargu handi dukezu. –Ohoria galtzen dela plazergitia gaitz duzu. Niri horla erraitia zuri eman eztuzu. Gaixteria egitia laido dela dakizu. Ni erhoa, zu jakintsu, beha enakidizu. –Zuhaur nahi bazirade, ni segretu nukezu. Gure arteko amoria ehork etziakikezu. Sekretuki mintzatzeko, othoi, bide idazu. Enekila mintzatziaz gaitzik ezin dukezu. –Gaizki egin dadinian, jendek sarri dakite. Ene gaizki egitiaz enek laido lukeite. Zu eta ni elgarreki untsa ezin ginate. Zaude ixilik; zoaz horrat eta hobe baitate! –Hitz horrezaz erdiratu deraudazu bihotza. Nik zugatik dudan pena hanbat ere handi da, zuzaz beraz ezpanadi orai bertan konsola, ene arima jalgiren da falta gabe kanpora. –Arimaren jalgitia neke handia duzu. Orai duzun penegatik zuria egonen duzu. Horrelako banitatez niri segur uztazu. Probetxurik eztukezu eta zinhets nazazu. –Zurekila gaizki baniz, nola bizi nintzande? Ene bihotz eta arima zurekila dirade. Bihotz eta arima gabe ehor ezin lizate. zu eta ni elgarreki untsa ahal ginate –Jauna, gertuz hik dadukak porfidia handia. Ixil endin nahi nikek, ala ene fedia! Hitz gutitan adi ezak, nahi baduk, egia: hiretako eztiadukat gertuz neure buruia. –Hori horla lizatela nizin neure beldurra. Andriak hon derizanari ezpadaki mesura, ni lehenik eta gero amoros oro galdu da. Nik zuri hon baderitzut, gaitzi eztakizula! Egundano izan daia ni bai ditxatakorik? Ni amoriak enu maite, nik hura ezin gaitzetsi. Uste dizit narraiola ezin dukedanari Zeren, bada, hon derizat hon ezteriztanari? Jangoikoa, mutha ezak, othoi, ene bihotza, amoriaren, hark bezala, nik eztudan axola. Bortxaz ere gaizki bano hongi egitia hobe da. Nihaurk ere utziren dut hon ezteriztadana. Andre faltaz eniz hilen balinba ni lehena! Oroz etsi behar dizit, non baitate hobena. Heki ezin medra naite, bai gal neure arima. Bategatik sarri niro diren oroz arnega. MOSEN BERNAT ETXAPARERE KANTUIA MOSEN BERNAT ETXEPAREREN KANTUA Mosen Bernat, jakin bahu gauza nola jinen zen, Bearnora gabetarik egon ahal intzanden. Heldu behar duien gauzan ezta eskapatzerik. Nik ogenik ez nuiela hongigitez bertzerik, bidegabek haritu nu bide ez nuien lekhutik, erregeri gaizki saldu, gertuz ogen gaberik. Jaun erregek mezu nentzan joan nengion bertarik. Gaitzez lagola entzun nuien, bana nik ez ogenik. Izterbegier eneien malizian lekhurik, joan nendin, enagien ogen gabe ihesik. Balinetan joan ezpanintz, ogenduru nintzaten; ene kontra faltseria bethi zinhetsi zaten. Justizian entzun banintz, sarri jalgi nintzaten; haren faltaz hasi nuzu jaugitiaz dolutzen. Bertzen gaitzaz zentzatzia zuhurtzia handi da. Izterbegi duien oro nitan bedi gaztiga. Abantailan dabilela albailedi segura. Gaitza apart egoiztea bethiere hobe da. Ni, gaixoa, etsaiari nihaur jin niz eskura. Ene untsa eginak ere orai oro gaitz dira. Haren menian ezpanengo, nik nukeien zuzena. Mirakulu banagi ere, orai ene ogena. Faltsu testimoniotik ezin ehor begira. Halaz kondemnatu zuten Jeinkoa ere hiltzera. Bekhatore gira eta mira eztakigula, balinetan bide gabe akusatu bagira. Pazientzia dugun eta Jeinkoak gitzan aiuta! Malizian dabilena berak diro mendeka. Jangoikua, zu zirade egiazko jujia. Zure gortean bardin dira handi eta xipia. Norkbait ere egin deraut malizia handia. Haier hura, othoi, barkha; niri balia egia. Jangoikoa, zuk begira etsaiaren menetik. Nik eniak badakuskit ene gaitzaz bozturik, zure eskuiaz dakuskidan heiek gaztigaturik, ene gainian eztagiten uste duten irririk. Jangoikua, egin dizit zure kontra bekhatu. Haiez nahi enuzula, othoi, heben punitu. Erregeri, dakidala, nik eztizit faltatu, zeren egon behar dudan heben hanbat gatibu. Zuganako hutseginez nahi banuzu punitu, errege eta bertze oro ene kontra armatu, gogo honez nahi dizit zure egina laudatu eta etsaiak didan pena pazientki haritu, nahiz heben pena nadin, arima den salbatu. Haiek zer merexi duten zuhaurorrek ikhustzu. Penak oro jiten dira Jeinkoaren nahitik eta berak permititzen oro hobenagatik. Agian hula ezpanango, hil nintzanden engoitik. Ene etsaiak, galdu ustian, ene hona egin dik. Berak batzu hil dirade; ni are nago bizirik. Hongi egin uste baitut ohorezki jalgirik, gaitza nola, hona ere jauginen da bertarik. Gaitz ekhusi eztuienak hona zer den eztaki. Hongi egitez, gaitz sofrituz behar dugu salbatu. Pena eta miseria nik enuien dastatu. Orai dakit: Jangoikuak enu nahi damnatu, heben ene penatzera zaidanian orhitu. Urhe hunak behar dizi suian untsa purgatu. Bere nahi ezpanindu, eninduken punitu. Aitak bere haur maitia gaztigatu ohi du; bihi hunak gorde gabe behar dizi xahutu. Jangoikoak nizaz ere hala agian egin du. Mosen Bernat, pentsa ezak kartzel hori gaitz bada, nonbait ere ifernuia are gaitzago dela. Heben hik badukek, bana haiek ez, nork konsola. Penak heben fin dik sarri; haienak ez sekula. Batre minik heben eztuk, lekot jalgi nahia; han direnek bethi die suian pena handia, pena handi, izigarri, ezein pausu gabia. Harzaz orhit adi eta dukek pazientzia. Bertzen gaztigari intzan, orai adi gaztiga. Pena honez orhit eta hangoa ezak kojita. Hebengoaz bertzekoa albaheza eskusa, untsa enplegatu dukek heben eure denbora. Hor balego, gaztiga iro ihaurk bertze guzia. Bada, orai gaztig'ezak, aldiz, eure buria, kirisailuiari nola hiri hel eztakia: bertzer argi egin eta erratzen dik buruia. Hiri egin badaraie bidegabe handia, Jeinkoari gomend'ezak eure gauza guzia. Hark orori emanen dik bere merexituia: gaizkigiler pena handi, pazienter gloria. Eztazala gaitzeriztez damna heure buruia, desiratuz gaixtoari hel dakion gaizkia. Jeinkuari egiten duk injuria handia: hura borrer egiten duk, juje eure buruia. Zertan juja hik baitazak eure izterbegia, hartan kondemnatzen dukek ihaurk eure buruia; eta hartan eztakidik eskusarik balia. Erakustak ehon ere nor den ogen gabia! Jangoikua, orai dizit egiteko handia. Hiri honetan eriotzez hilzen duzu jendia. Gathibutan hil enadin, gizon ogen gabia, osorik, othoi, jalgiteko zuk idazu bidia, izterbegiak eztagidan gibeletik irria: ogenduru zuian eta han galdu dik bizia. Libertatia nola baita gauzetako hobena, gathibutan egoitia hala pena gaitzena. Ni bezala eztadila, othoi, ehor engana, Ezetare hitz orotan fida ere gizona. Jangoikua, zuk begira niri ere zuzena. Amen. KONTRAPAS KONTRAPAS Heuskara, jalgi adi kanpora! Garaziko herria benedika dadila! Heuskarari eman dio behar duien thornuia. Heuskara, jalgi adi plazara! Bertze jendek uste zuten ezin eskriba zaiteien. Orai dute phorogatu enganatu zirela. Heuskara, jalgi adi mundura! Lengoajetan ohi intzan estimatze gutitan. Orai aldiz hik behar duk ohoria orotan. Heuskara, habil mundu guzira! Bertzeak orok izan dira bere goihen gradora. Orai hura iganen da bertze ororen gainera. Heuskara! Baskoak orok preziatzen, heuskara ez jakin harren. Orok ikasiren dute orai zer den heuskara. Heuskara! Oraidano egon bahiz inprimitu bagerik, hi engoitik ebiliren mundu guzietarik. Heuskara! Ezein ere lengoajerik, Ez frantzesa ez bertzerik, orai ezta erideiten heuskararen parerik. Heuskara, jalgi adi dantzara! SAUTRELA SAUTRELA Heuskara da kanpora, eta goazen oro dantzara! O, heuskara! Lauda ezak Garaziko herria, zeren hantik ukhen baituk behar duian thornuia. Lehenago hi baitintzan lengoajetan azkena; orai, aldiz, izanen iz orotako lehena. Heuskaldunak mundu orotan preziatu ziraden, bana haien lengoajiaz bertze oro burlatzen, zeren ezein eskripturan erideiten ezpaitzen. Orai dute ikasiren nola gauza hona zen. Heuskaldun den gizon orok altxa beza buruia, ezi huien lengoajia izanen da floria. Printze eta jaun handiek orok haren galdia, eskribatus hal balute ikhasteko desira. Desir hura konplitu du Garaziko naturak eta haren adiskide orai Bordelen denak. Lehen inprimitzalia heuskararen hura da; basko oro obligatu jagoitikoz hargana. Etai lelori bai lelo, leloa zarai leloa! Heuskara da kanpora eta goazen oro dantzara! DEBILE PRINCIPIUM MELIOR FORTUNA SEQUATUR EXTRAICT DES REGESTES DE PARLEMENT PARLAMENTUKO ERREGISTROEN LABURTZAPENA Supplie humblement Françoys Morpain, maistre Imprimeur de ceste ville de Bourdeaux, que pour imprimer un petit tracte intitule, Linguae vasconum primitie, luy a convenu faire plusieurs fraiz et mises. A ceste cause plaise a la Court inhibitions estre faictes a tous les Imprimeurs libraires de ce Ressort de imprimer ou faire imprimer le dict Tracte, et a tous marchands de nen vendre dautre impression dans troys ans a peine de mil livres tournois et ferez iustice. Veue laquelle requeste la court faict les inhibitions requises par le dict Morpain a peine de mil livres tournois. Faict a Bourdeaux en Parlement le dernier iour Dapvril, mil cinq cens quarante cinq. Collation est faicte. De Pontac. EUSKALDUNON HIZKUNTZAREN HASIKINAK LINGUAE VASCONUM PRIMITIAE Bernard Etxepare Eiheralarreko apaiza 1545 Erregeren abokatu zuzen eta nobleari, bertute eta ontasun guztiez jantziari, bere jaun eta jabe Bernard Leheteri Bernard Etxeparekoak, haren zerbitzari txipiak, gogo onez goraintziak, bakea eta osasuna! Euskaldunak jende trebe, kementsu eta jentilak direnez, eta haien artean betidanik izan denez eta badenez zientzia guztietan letratu handirik, harriturik nago, jauna, nola ez den bat bera ere ahalegindu bere hizkuntza propioaren mesedetan obraren bat euskaraz egiten eta idazten, mundu guztian nabarmen gera zedin beste hizkuntzak bezain egokia dela idatziz erabiltzeko. Eta arrazoi honengatik gelditzen da euskara abaildurik, inolako ohorerik gabe. Eta beste nazio guztiek uste dute hizkuntza honetan ezin deus ere idatzi daitekeela, gainerako guztiek berean idazten duten eran. Eta orain zuk, jauna, noble eta naturazkoak bezala, euskara estimatzen, goratzen eta ohoratzen duzunez gero, zuri, neure jaun eta jabe bezala, bidaltzen dizkizut euskarazko bertso batzuk, ene ezjakintasunaren arabera onduak; hain zuzen ere, jauna, haiek ikusirik eta zuzendurik nahi duzun bezala, ondo baderitzozu, inprimarazi ditzazun, eta zure eskutik izan dezagun guztiok harribitxi ederra, hots, euskara, orain arte ez bezala, behingoz inprimatua; eta zure hasiera honetatik aurrera areagotu, jarraitu eta argira atera dadin mundu guztian; eta besteek bezala, euskaldunek ere izan dezaten bere hizkuntzan idatzirik dotrinaren bat eta plazer hartzeko, solas egiteko, kantatzeko eta denbora iragateko materia; eta geroago etortzen direnek arrazoi gehiago izan dezaten huraxe hobetzeko; eta beharturik gera gaitezen guztiok Jainkoari otoitz egitera, eman diezazkizun mundu honetan oparoa bizitza eta bestean paradisua. Hala bedi. DOKTRINA KRISTAUA DOKTRINA KRISTIANA Munduan den gizon orok pentsatu beharko luke nola formatu duen Jaungoikoak batbedera, nola sortu duen gure arima bere irudi propioaren arabera eta nola hornitu duen memoriaz, borondatez eta enteleguaz. Ugazabek ez dute morroi gaiztorik eduki nahi eta ez soldatarik eta ordaindu nahi zerbitzatuak izan gabe. Jaungoikoa berdin-berdin ari da gurekin: ongi egiten ez badugu, ez digu loriarik emango. Morroiek denbora luzea ematen dute gure zerbitzura, soldata apur baten truke lan handia hartzen. Guk adina jaso beharko luke Jaungoikoak ere: orain zerbitzatu behar dugu, gero loria eman diezagun. Inon ez dut ikusi garirik biltzen denik, hazirik erein gabe; ereiten den haziaren arabera, halaxe biltzen da eskuarki. Obra onek ordain-saria frankoki izango dute, baita ere bekatuek zigorra seguruenik. Jainkoa egunero ongi ari zaigunez gero, guk ere hala behar dugu hartaz ondo oroitu, gure hasiera eta amaiera huraxe dela pentsatu eta goiz eta arratsez arretaz haren izena laudatu. Arratsean Arratsean, etzatean, Jainkoari gomenda hadi eta otoitz egiok arrisku guztietatik libra hazan. Gero, iratzar hadinean, berehala oroit hadi zenbait otoitz debozioz esateaz. Goizean Ahal baduk, elizara joan hadi goizean eta Jainkoari gomenda hadi bere etxe santuan. Hara sartzean, pentsa ezak nor duan aurrean eta norekin mintzo haizen han hagoen artean. Hilerrian Ongi oroit hadi hildakoez hilerrian sartzean; hi bezalakoak zirela bizi ziren artean. Haiek bezala hil behar duk eta ez dakik ordua. Otoitz egiok Jainkoari barkamena eman diezaien. Bataiarria Elizara joaten haizenean, begira ezak bataiarria. Pentsa ezak han errezibitu duala fedea, Jainkoaren grazia eta salbatzeko bidea. Hari emaiok lehen eskerrona. Gorputz santua Bertan hagoela, begira ezak gero non den gorputz santua. Pentsa ezak hura dela hire salbatzailea; adora ezak debozioz eta eska grazia harrera duina eman diezaan azken unean. Gurutzea Gurutzefika ikus eta oroit hadi orduan nola haizen haren odol santuaz erredimitua. Hark herioa hartu dik hiri bizia emateko. Pentsa ezak nola itzuli hari bere ordaina. Andre Dona Maria Andere ona den lekura altxa itzak begiak. Mundu guztia ere ez dakiake hura bezainbeste balia. Hura zagok Jainkoaren hurrenena glorian eta dohain guztiak ditik bere eskuan nahi duenean. “O, Andere goresgarria eta ama eztia! Zugan dago bekatarien esperantza guztia. Zugana nator ni, bekatari handia, ene arima salbatzen balia zakizkidan”. Santuei Santuei ere egiek heure gorazarrea, bereziki heure deboziokoa denari. Oroit zein santuren besta den egun hartan eta noren izenean jaso den eliza. Arduraz egiek otoitz, balia dakizkian. Iganderako otoitza “Miserikordiaz betea zaren jaun eztia, otoi, entzun iezadazu neure otoitza! Bizi naizen artean eta heriotzako orduan emadazu, otoi, osorik neure adimendua, aldatu ere gabe zure fede santuan, gauzak ongi egin ditzadan neure azken unean. Eta orduan emazkidazu indarra eta grazia bekatuez dagokidan damua izateko eta neure aitortza bikainki egiteko, neure bekatu guztiez barkamena izan dezadan eta duintasunez errezibi dezadan zure gorpuz santua eta baita behar diren beste sakramentuak ere. Orduan etsai gaitza etorriko denez tentatzera eta bere arte guztiaz nola engaina nazakeen ikustera, emazkidazu, otoi, Jauna, zure santuak laguntzat, ene etsaiak azpira ez nazan neure azken unean. Har ezazu ene arima orduan, otoi, zure glorian, zure odol santuaz erredimitua izan baita, eta han ikus dezadala zure begitartea eta santuekin batera lauda dezadala zure maiestatea”. Goiz eta arratsez egiten duk biluztea eta beztitzea, eta gorputzaren zerbitzutan bazkari-afaria. Arima salbatzeko, Jainkoaren ohorez ez zaiala, otoi, neketsu gerta gauza horiek egitea, egunero ezin bada, astero bederen igandean. Itsutasun handi hau ikusten dut gure artean: nola dugun hainbeste zerbitzatzen gure etsaia eta ez dugun ezagutzen Jaungoikoa, gure salbatzailea, guztiok dakigunean horren bidegabekeria. Anitz jendez miraz nago –neure buruaz lehenik–, nola gauden mundu honekin hain bortizki josirik, hainbat jende dakusagula honek engainaturik. Orain artekoak igorri ditu guztiz biluzik eta ez dute gerokoek ere hortik eskapatzerik. Pertsona hil eta gero, hiru zati egiten dira: haren gorputza usteltzera egozten da lur hotzean, ondasunak ahaideek banatzen dituzte bertan, eta arima gaixoa han dabil, ahal duen tokira egiten, hain bidaia bortitzean konpainia falta zaiola. Igandean arretaz pentsatu behar dugu zenbatetan egin dugun aste hartan bekatu; oroitu behar dugu eta Jainkoari barkamena eskatu. Eta atorra bezala, arima ere astero garbitu. Bi puntutan datza gure zori guztia: ongia egiten badugu, seguru dugu paradisua; bekatutan hiltzen dena, bertan da kondenatua. Ez da beste biderik; hoberenari errepara. Inon ere ez dut ikusi hain laxoa den artzainik, bere ardietatik otsoa kentzen ez duenik. Jaungoikoak emanda dugu gure arimaren ardura; nola gobernatzen dugun, batbederak so begi. Hartaz, noski, kontu hertsia eman behar diogu bere odolaz hain garesti erosi duenari. Hala sinesten ez duena engainatuta dago. Pasio santua kontenplatu behar dugu eta haren pena handia bihotzean sentitu: nola zegoen gurutzean guztiz zauriz betea, oin-eskuak iltzaturik eta biluzik, ohoinekin urkaturik, gaizkile bezala, eta arantzez koroaturik mundu guztiaren jabea, haren gorputz preziatu eta delikatua gaizki eskarniaturik eta zatikatua. Ai! Nola zegoen orduan haren ama tristea, haren ama maitea eta mundu guztiaren habea, oinaze haietan ikusten bere seme maitea eta begien aurrean hiltzen mundu guztiaren bizia zena! “Bihotzean astintzen naute baiki, ama eztia, zure orduko oinazeak eta bihotz-zauriak; nola begiekin zenekusan zure jabe handia alde guztietatik zeriola odol preziatua. Eta ohartu naiz nigatik izan zirela haiek” Oroit hadi nola egin duan anitz bekatu eta haiengatik askotan kondenatua izatea merezi izan duan; Oroit nola hauen bere miserikordiaz zaindu eta, damua izan baduk, momentuan guztia barkatu. Eta, halere, agian hik laster egingo duk berriz bekatu! Oroit hadi Jaungoikoaren maiestate handiaz. Eskuan dauzka zerua, lurra, itsasoa, salbatzea, kondenatzea, herioa eta bizia. Guztira hedatzen da haren agintea. Haren agindua datorrenean, ezin eskapa dakioke inor. Mundu honetan erraz engaina dezakegu batak bestea, baina bestean egiatik abiatuko da batbedera. Orduan azalduko da nolakoak izan garen; eginak, esanak, pentsatuak, guztiak egingo dira ageriko. Oroit hadi Jainkoaren justizia handiaz: nola guztiok eman behar dugun kontu zehatza eta egindako guztiez gure merezia jaso, herioa –haren mezularia– datorrenean. Ordu hartan alferrik izango da harengana jotzea: hark inori ez dio emango ordu bateko eperik, ezta ere estimatuko ez txiki, ez handirik. Orduan batbederak jasango du bere zama. Zer egingo dut nik, gaixo bekataria, orduan? Arartekorik ez eta ene aurka epaile handia; haren gortean inork ez du jakingo abokatu izaten. Publikoki agertuko dira orduan kulpa guztiak. Ea, bada! Egin dezagun guztiok orain, otoi, penitentzia! Gero, behar-orduan agian ez dugu-eta izango astirik. Jende asko dabil luzamenduaz engainatua, baina inork ez du ziurtaturik egun bakarreko bizitza. Gu egunero gaude herioaren azpian. Gertu eduki behar ditugu gure gauza guztiak, guztiak atonduta, osasuntsu garen artean, gero haiekin arazorik izan ez dezagun azken unean. Nahikotxo egiteko izango dugu arima dela-eta orduan! Pentsa, otoi, nola gauden bi bideren erdian, salbatzeko bainoago, kondenatzeko arriskuan. Inor ez dadila fida, otoi, presuntzioaz; santuak ez ziren sartu presuntzioz glorian. Ea, bada! Hona beha, otoi, bekatari guztiak! Bekatuagatik kondenatzen du Jaungoikoak mundua. Zergatik, bada, bizi gara hainbat bekatutan murgilduta eta geure hutsengatik galtzen dugu gero geure burua? Artzainak arratsaldean biltzen ditu ardiak eta eguraldi gaitzarekin leku egokira eramaten ditu. Arima dela eta, batbederak pentsa beza nola salbatuko duen hura bere amaieran. Oinaze handia dute bekatariek infernuan, oinaze handi, izugarri, inolako etenik gabekoa; betiko egon behar dute hango sugar bizian. Zuhurra denak, hara ez joateko, egin dezala penitentzia. Herioaren kontrako armak Gutxien uste denean etortzen da herioa eta agian ez du emango konfesatzeko astirik. Baina hiru gauza egiatan egiten dituena, hiltzen den eran hiltzen dela, salbatuko da. Lehen egia O, Jaun ona! Aitortzen dut bekataria naizela eta gaizki egiteaz erru handia dudala. Bidezko ez nuen moduan ofenditu zaitut eta dolu dut eta damu zure aurka egindakoaz. Bigarren egia O, Jaun ona! Honako une honetantxe asmoa dut bekatutik gordetzeko bizi naizen artean. Otoi, Jauna! Emazkidazu indarra eta grazia neure bizitza guztian asmo honetan irauteko. Hirugarren egia O, Jaun ona! Asmoa dut garizuma denean neure konfesioa benetan egiteko eta baita ere jartzen didaten penitentzia betetzeko. Otoi, Jauna! Berretsi ezazu ene borondatea! Eta inork horiek hala egiazki egiten ez baditu, jakin beza zalantzarik gabe ezin daitekeela salba, bere bekatu guztiak konfesatu baditu ere. Eta hala sinets beza bere burua engainatu nahi ez duenak. Inongo apaiz, apezpiku edota aita santuk ere ez du halakoa barkatzeko botererik. Jaungoikoa betiere bihotzera begira dago; geuk baino hobeto ezagutzen du gure gogoa; gogoa gabe, alferrikakoak dira hitz guztiak haren aurrean. Ondo aton ezak heure etxea egunero; arreta jar ezak heure gauza guztietan; eta heure lana penitentzia bilaka dakian, Jaungoikoa lauda ezak gauza guztien amaieran. Onekin izan ezak betiere harremana, gaiztoekin gaizki baizik ezin haiteke-eta aprobetxa. Ez diezaioala besteri egin heuretzat nahi ez hukeena, ezta egin gabe ere utzi heuk nahi duana. Lege honi segi bekio salbatu nahi duena. Hamar aginduak Jaungoiko bakarra adora ezak eta guztien gainetik maita. Ez haren izenaz zin egin premiarik gabe eta banoki. Igandeak eta jaiak debotuki santifika itzak. Aita eta ama ohora itzak, luzeki bizi hadin. Ez dezaala inor erail, ez eta gaitzets ere. Nork berea baino emazte gehiagorik ez beza uki. Ez dezaala besterena ebats, ez eduki. Ez diezaioala lagunari ospe txarrik bizkarrera faltsuki; Ez desira besteren emazte-alabak gaiztoki, ezta ere ondasuna, ez bada justuki. Horiexek dira Jaungoikoak emandako aginduak. Zuzen bete ditzagula, haien bidez salba gaitezen. Judizio unibertsala Judizio unibertsalaz oroitzen ez direnez, bekatutan bizi dira beti bere gogara. Egun hartan gal ez gaitezen, aldez aurretik prestatu, han orduan inork ere ez dugu-eta astirik izango. Zuhurtzia handia da hartaz ondo oroitzea. Erne! Erne! Mundu guztia judizio nagusira! Zeru eta lur guztien kreatzaile handia mundua zorrozki epaitzera heldu da. Batbederak begira beza nola gauden apainduta! Leku guztietara zabaltzen du agindua, jende guztia batu dakion Josafateko bilkuran, eta inon ere eta inor ere eskapatu gabe. Zeru eta lur guztia daude ikaraturik. Herioari agintzen dio, inor faltatu gabe, bizirik dakartzala hildako guztiak aurrera; aurrerantzean ez duela botererik izango. Bi leku itxitan jarriko da mundu guztia: glorian ez bada infernuan; ez dago alde egiterik. Ozenki eta bortizki agintzen dio infernuari han direnak luzamendu gabe igor ditzan, arima eta gorputzetan ikusi nahi dituela eta merezi dutena emango diela. Jende onak! Epaile hau dela eta, ongi pentsa nolako aginte handia duen gauza guztietan, herioan, infernuan, zeruan eta lurrean. Zergatik dabil, bada, bekataria haren kontra? Itsukeria handi hau ikusten dut gure artean: nola zerbitzatzen dugun hainbeste gure etsaia eta ez dugun ezagutzen Jaungoikoa, gure salbatzailea, guztiok dakigunean horren bidegabekeria. Ebazpen larria luzatuko die arima-gorputzei, biei, elkarrekin sufri dezaten infernuko garretan, sekulako suan, etenik gabekoan. Ondo pentsa guztiok, otoi, zertan den irabazia! Egundaino ez da izan, eta ez da izango aurrerakoan, hain judizio handirik ezta ere bortitzik. Sortuak eta sortzeko direnak, hil eta gero pizturik, guztiek joan behar dute hara aitzakiarik gabe. Gauza asko behar dira judizio nagusian: epaileak agintea izan dezan parte guztien gainean, auzilariak bere kausa egiaz azal dezan, baita ere defendatzaileak bere defentsa, eta, arrazoia nork duen frogatzen denean, epaileak sententziaz nori berea eman diezaion. Egun hartan mundu guztiaren jabea izango da epaile, aginte handia baitu guztiaren gainean. Bera izango da akusatzaile eta kontzientzia. Publikoki agertuko dira bekatu guztiak orduan. Bekatarien kontra izango da mundu guztia orduan, haien kreatzailea laidoztatu baitute. Une hartan isilik eta triste izango da bekataria: leku guztietatik itxita daude zubi guztiak. Epaile jauna iraturik egongo da goian; irensteko prestaturik infernua, azpian; etsai gaitza, berriz, akusatzen ezkerreko aldean. Bekatuak eskuinetik mintzatuko dira ozenki: «Hemen gaituk, hire kontra, heuk egin gaituanok!». Barnetik jarkiko zaion kontzientzia izango da okerrena. Inon ere ez da izango estaltzeko tokirik. Une hartan nork hartuko du agertzeko erabakirik? Mundu guztia egongo da haien kontra jarririk; santuak ere erabat isilik egongo dira ordu hartan; epaileak ere ez du entzungo inolako erregurik. Egun hartaz oroit gaitezen, otoi, hara joan aurretik. Egun hartan non izango dira hemengo jaun-erregeak, duke, konde, markes, zaldun eta beste jaun nobleak? Eta haien armadako gizon sendoen balentriak? Ordu hartan guti baliatuko zaizkie haien ahaltasunak. Eta legelari eta teologo, poeta eta doktoreak, prokuradore, abokatu, epaile eta notarioak? Ordu hartan garbiki ageriko dira haien maltzurkeriak eta gutxi baliatuko zaizkie kautelak eta berrikeriak. Eta aita santu, kardinal, apaiz eta prelatuak? Beren buruaz eta ardi guztienaz eman behar dute han kontua. Haietako handiena ere noraezean ibiliko da egun hartan. Eta berdin-berdin epaituko dira handia eta txikia. Alferrikakoa izango da egun hartan hari helegiterik aurkeztea. Bere gainetik inon ere ez du jaunik ezagutzen. Desatsegina zaio maltzurkeria eta egia maite du. Ea, bada! Egin orain guztiok, otoi, penitentzia, gero egun hartan arazo handirik izan ez dezagun! Haren aurretik seinale hitsak etorriko dira: erabat atsekabeturik ibiliko dira elementuak, eguzkia eta ilargia odoletan etzanik, itsasoa goitik eta behetik sumindurik; hango arrainak kanporatzen ibiliko dira izuturik. Eta lurra izugarriro ibiliko da, guztiz dardarka, zuhaitzek odolezko izerdia isuri bitartean. Aire guztia, ekaitzek eta ihurtzuriek amorrarazita; mendiak eta harriak, elkarren artean zatikatuak. Suak erraustuta jarriko da mundu guztia. Etorri aurretik, epaile jaunak aginduko du lehendabizi suak gauza guztiak xahu ditzala, likits eta kirats den guztia joan dadin mundutik. Eta hala, erreta geratuko da lur guztia. Tronpeta mintzatuko da gero munduan barrena: “Hildako guztiak! Jaiki zuen hobietatik eta erdue hona!”. Arima eta gorputzetan istantean berpiztuta, hara joan behar dugu guztiok aitzakiarik gabe. Airean gora igoko dira justu guztiak berehala eta eskuinean egongo dira, epailearen aldean. Bekatariak atsekabeturik egongo dira sugarretan lurrean, harik eta gainean ebazpena entzuten duten arte. Jende guztia aurrean bilduta dagoenean, zorrozki etorriko da zerutik, santuekin batera. Josafaten egongo da airean gora jarrita. Arbuiatze latza luzatuko die bekatariei eta haren hitzak zeharo birrinduta utziko ditu. Pasio santua beregain hartu nahi izan zuenean, jendea haren kontra armaturik etorri zenean, hitz huts batez izuturik egotzi zituen lurrera. Maiestate handiz epaitzera datorrenean, nola ez du une hartan beldurtuko mundua? Garrazki esango die orduan bekatariei: “Ez zineten nitaz oroitu bizi zinetenean. Zuei hainbat mesede egina naiz zuen bizitzan, baina zuengandik ez dut esker onik inoiz izan. Eneak dira zuek dituzuen ondasun guztiak: gorputz eta ontasun guztiak, baita ere arimak. Zuentzako egin ditut lurra eta zeruak, eguzkia, ilargia eta fruitu guztiak. Sua, berotzeko; ura, ikuzteko; airea, arnasteko; aingeruak, zuen zaindaritzarako; santuak, bitartekari izateko. Zuengatik eman dut gero neure bizia. Horiengatik guztiengatik, zein da zuen ordaina? Askotan pobrea premia gorrian ikusita, gaixo, gose, egarri eta biluzik ikusita eta maiz asko ene izenean limosna eskatzen ari zela, ardura gutxi izan duzue zuek haietaz. Baina bai atsegindu duzue zoroki ene kontra etsaia: deabrua, haragia eta baita mundua ere. Orain zuentzako izan dadila madarikazioa, infernuko sua eta betirako oinazea, eta demonio guztiak, zuen konpainia” Ez da asko luzatuko ebazpena. Berehala, une berean, irekiko da lurra eta su harekin irentsiko du dena bere barnean. Hau izango da bekatarien azken irabazia. Ai! Zein handia izango den han damua, damu handi, izugarri, erremediorik gabea, hainbat jende sekulako kondenatzen denean! O, Jaun ona! Hangoetatik begira gaitzazu, otoi! Segidan, berengana itzuliko ditu begiak: “Ene adiskideak! Goazen guztiok elkarrekin! Beti eta sekulako egon gaitezen ene glorian, desira guztiak beterik, alaitasun handian!” Handik aurrera bi egoera besterik ez da izango: kondenatuak, infernuan beti oinazeturik; salbatu direnak, Jainkoarekin beti alegeraki. Azken horien partaide egin gaitzala Jaungoikoak! Aurrerantzean zerua ez da gehiagotan higituko: eguzkia ekialdean egongo da geldirik eta ilargia sartaldean, buruz buru jarrita. Hemen eta betierean iraungo du egun honek; alabaina, ez da gauza bizirik izango hemen. “O, Jaun ona! Gure kreatzailea zara zu. Bekatari bagara ere, zureak gara guztiz. Zuk egindakoa gure erruz gal ez dadin, bekatuz garbi itzazu, otoi, gure arimak. Baldin gugan bekatu handia aurkitzen bada, are handiagoa da zugan errukia. Emaguzu, otoi, zureetakoa izateko grazia. Zure ama anderea balia dakigula!”. Otoitza “Agur, Maria, anderea, dohain guztiez betea, Jainkoaren ama birjina, berak agindu zuelako, zeru eta lur guztien erregina merezia, bekatarien abokatu eta kontsolatzailea! Zugana nator ni, bekatari handia, balia zakizkidan hertsiki otoiztera, ez bainaiz zure izen santua aipatzeko duina, ez zure aurrean jartzekoa, likitsa naiz eta. Miserikordiaz betea zaren Andere handia, ez nazazu, otoi, arbuia eta ez mespretxa! Zuk bizkarra ematen badidazu, ama eztia, berehala ikusten dut neure burua suntsitua. Hain naukazu-eta gauza guztietan bertuterik gabea, etengabe bekatutan murgildua, betiere ardi itsua bezain galdua, eta mundu honek eta haragiak beti engainatua! Eta zu zeu zarenez grazia guztien ama eta iturburua, bertute eta ontasun guztien gordelari handia eta egundaino bekatutan narriatu gabea, emadazu bertutetan jarraitzeko dohaina. Zugan daude bekatarien sendabide guztiak, esperantza, osasuna eta salbazioa. Zuk bizkarra ematen diozuna galdua den bezala, salbatua da orobat zure babesean dagoena. Zuri Jainkoak aginte handia eman dizu, haren ama, ama ere maitea, zarenez gero, zeru eta lur guztian behar beste erabil dezazun eta zuk eskatutako guztia konplitua izan dadin eta beste guztiek zure eskutik lor dezaten grazia eta zuri gomendatzen zaizuna salba dezazun. O, Andere gorena eta paregabea, emadazu grazia salbatzen direnetakoa izan nadin! Hilik eta bizirik, zuri gomendatzen dizut neure burua, eta neure gorputza eta arima eta dudan guztia. Balia zakizkit, otoi, behar-orduetan eta goberna ezazu, otoi, ene bizitza guztia; eta Jainkoagandik erdiets iezazkidazu indarra eta grazia ene bekatuez penitentzia ondo egiteko, eta gero bertutetan murgildua eraman dezadan bizia eta haren borondatea bete dezadan gauza guztietan. Zorigaitzetik babes ezazu, otoi, ene gorputz pobrea. Bekatutan ez hiltzeko grazia emadazu, galduta ibil ez nadin betirako kondenaturik eta salbatzeko bidea zure eskutik izan dezadan. Eta gero, heriotza datorkidanean, arima abiatzeko ordu ikaragarria (oren hartan kontu zehatza eman behar baitut eta egindakoez neuk merezia jaso), eta jakin gabe ostatua non izango den lehen gauean, eta ezta ere nor balia dakidakeen, zu ez bazara, une hartan hel zakizkit, otoi, ama eztia, bitartekari zintzoa eta neure soroslea. Zure babesean har ezazu, otoi, ene arima tristea, une hartan infernuko bidera jo ez dezan. Zure seme jaunarekin adiskidetu nazazu, bekatuak barkaturik paradisua eman diezadan, eta nik han zure begitartea ikus eta santuekin haren maiestatea lauda dezadan. Eta nitaz ongi oroit zaitezen, ama eztia, gogo onez esango dizut zuri «Agur, Maria»”. Otoitz hau dioena, Andre Dona Maria, gomendatutzat izan ezazu, otoi, bizitzan eta heriotzan. MAITALEENTZAKO AHOLKUA AMOROSEN GAZTIGUIA Bestek besterik dute gogoan eta nik Andre Dona Maria. Andre ona, otoi, guztioi balia dakigula! Maitaleek hona begira lezaten nahi nuke; ona litzatekeen gaztigua entzun lezakete agian. Maiteño bat hautatzeko kontseilua emango nieke, baldin eta betiko sartuko balitzaie gogoan. Neuk ere izan dut maiteñorik, baina handik ez dut batere probetxurik atera. Atsekabe asko eta arima galdu, harena eta neurea ere. Maitasunetan, atseginaldi baterako, mila dira nahigabeak. Ba ote da maitasunetan leiala den bat bera ere, hitz ederrez ez bada, joien bidez gogoa aldatzen ez zaionik? Hoberena dirudiena traidorea da askotan; arimarentzat bederen, hoberena gaitzena ohi da. Bekatuzko maitasuna beti izango da traidorea. Heriotza datorrenean, nabari geratzen da egia: gozatutako atsegin guztiak iraganak dira orduan eta bekatua gelditzen da gero ere atsekabea sortzeko. Atsegin asko izan badu, asko izango ditu gero oinazeak. Leiala litzaidakeen maiteñoa nahi nuke nik, Bizitzan eta ni hil ondoren ere balia lekidakeena. Halakoa zerbitzatu nahi nuke bizi bitartean. Laburra da hemen bizitza, betirakoa bestea. Baina mundu guztian ibili ondoren, ez dut besterik aurkitu Jainkoaren ama ona grazia guztiez betea baizik. Inor ez da haren maitatzaile izateko duina. Ondo zerbitza dezagun, hark jadanik maite gaitu-eta. Hutsalak dira hura ez beste maitale guztiak. Premiarik larrienean, faltatu egingo zaizkigu besteak. Uste baino lehenago hiltzen gara bekatariak. Zein galduak ibiliko garen hark laguntzen ez badigu! Andre ona har dezagun guztiok maitale! Beste guztiak utzi eta hura goretsi! Hala egiten badugu, ohoratuak izango gara geu ere. Besteengatik, eta hura gabe, ziur galduak garela guztiok! Jainkoaz aparte, mundu guztiak ere ez du hark beste balio: zerua, lurra, itsasoa, haren menpekoa da guztia; Beharrezkoa bada, guztietara hedatzen du bere agintea. Bera handia izan arren, txikia estimatzen du. Halakoa utziz gero, non aurkituko dugu haren parekorik? Beste maitaleen artean, bakoitza bereari baino ez zaio leial. Inork ez du nahi berea besterekin partekatu. Baina Ama Birjina aintzatsua hain da abegikorra ezen, leiala izanik, guztientzat baita gertu. Maitaleek behin bere nahia egiten badute, beste nahikeria handiago bat etortzen zaie; Behin ere ezin dira erabat ase atera; Bizitza guztian dabiltza gabetuak balira bezala. Emakume eta gizon guztiok! Har ezazue Maria maitaletzat eta berak ekarriko digu guztioi atsegina! Emakume ederren artean Andre onak izan du dohaina inork hura gaiztakeriaz ezin desira lezan, hari begiratzeak berak hiltzen baitzuen gutizia likitsa. Haren irudia ikustean ezagutuko duzu egia. Itsasoari ur guztia, zeruei izarrak, oihanei itzala, lurrari belarra, egunari eguzkia, gau beltzari iluna lehenago faltatuko zaizkie hura guri baino, baldin eta gu harekin bagaude benetan. Zergatik gara, bada, hain zoro gaixo bekatariok? Goazen, otoi, guztiok Andre leial honengana! Eta utikan, otoi, beste maitasun faltsuak! Harekin segurua dugu behar dugun guztia! Ai, maiteño gaixoa! Zein engainatuta hagoen! Erokeriatan daramak heure bizitza guztia! Eta ene Andere dohaintsuak laguntzen ez badik, bai bizitzan bai heriotzan beti ibiliko haiz galduta. Ahal duan ongia egin ezak denbora duan bitartean. Herioa datorrenean, nekez izango duk astirik. Baina orduan ere heure burua ongi atera nahi baduk, egokiro gomenda hakio Andereari. Egia esaten diat: Hark amaieran ere ez dik uzten bere jendea galtzen; Orduan ere bere eskuan ditik dohain guztiak. Mundu honek jende asko engainatzen du. Betiko biziko direla uste dutenean, morroi gisara darabiltza eta, gutxien uste dutenean, abandonatu egiten ditu. Zoro-eran jokatuko du hartaz fidatzen denak. Neu ere askotan ibili naiz erotuta, gauez eta egunez, hotzak eta beroak, loa galdu, atsekabe aski... baina ez ene arimagatik! Orain guztia Jainkoagatik izan ledin nahi nuke! Ni bezalako asko da munduan, bizitza guztian handikeriatan dabilena beti. Geure buruari errepara diezaiogun aukera dugun bitartean! Andre onak babespean har gaitzake agian. Hain da dohainez betea eta ama guztien gainekoa ezen hurbiltzen zaiona ez baitu babesik gabe uzten. Errurik gabe ez dago inor. Eta hau egia hutsa da. Bekatuagatik kondenatzen du Jaungoikoak mundua. Baina zugan, Andre handia, ez da bekaturik izan. Bitartekari izan zakizkigu, beraz, barkamena luza diezagun! Bekatariak salbatzeko sortu zintuen Jainkoak eta justizia banatzeko epaile bilakatu du bere burua, zu errukizko aterpe izan zintezen haientzat, eta, berak justiziaz ezin salba litzakeenez, zure errukiaren bidez zuzen litezen, baldin eta egiazki baletoz zugana. Orain arte ez da izan eta aurrerantzean ere ez da izango hain handi eta likitsa den bekataririk, zeinak, bere bidean gomendatuta etorri zaizunean, zuri esker barkamenik izan ez duenik. Ez da galdu eta ez da galduko zuk babestutakorik. Zuri, beraz, gomendatzen gatzaizkizu bizitzan eta heriotzan. Beste emakumeak, hainbat haurtxo txikiren ama bilakatzean, ezin dira gero gehiago birjinak izan. Zu, Anderea, birjina zara Jainkoaren ama izanik, eta, harrezkero gainera, zeru eta lurraren erregina. Jainkoa jaun duten gauza guztien jabea zara zu, Anderea. Zilegi da, beraz, mundu guztiak ohora zaitzan, Jesukristo bera ere hala jokatzen ari baita zurekin. Mundu guztiak ere ez dauka zuk bezainbeste dignitate. O, Anderea! Inor ezin da zu bezalakoa izan eta, Jainkoaz aparte, zure gainean ere ez da besterik. Zure azpitik dago Jainko ez den beste oro. Jainkoaren ama zara mundu guztiaren gainetik. Mundu guztiak ez du zuk bezainbeste egin hargatik, baina haiengatik guztiengatik baino gehiago egin du hark ere zugatik. Ezin egon daiteke bere amari obeditu gabe. Emaguzu grazia, otoi, zuen artekoak izan gaitezen. Zuk ondo gogotik hartuko baninduzu babespean, argi asko dakit ezin kondena nintekeela. Galduko zirenetako asko babestu duzu. Hel zakizkit neuri ere, otoi, galtzen utzi gabe! Inon ere ez da zuk ezin ken dezakezun gaitzik, ez eta zure eskuan ez den ontasunik ere; Zalantzarik gabe, denbora eta leku guztietan Jaungoikoak emanda dituzu dohain guztiak zure eskuan. Amak nahi duena lortuko du hala semeagandik; eta seme onak edozer egin dezake amagatik. Hark, zutaz maitemindurik, gure natura hartu du zugan, eta zuk, gurekin anaiturik ezarri duzu Jaungoikoa. Haren eta gu guztion ama duina zara zu eta ama batek ezin du semeen artean gerlarik jasan. Beraz, Semea gure gaiztakeriengatik haserre ikusten baduzu, baketu gaitzazu berehala, guztion ama zara eta. Orain egiten diren gaiztakeria handiengatik lur guztia hondatuta izango zukeen Jainkoak jadanik, baldin eta zu bitartekari izan ez bazina gugatik. Zure otoitzengatik sostengatzen gaitu, gu gaiztoak izan arren, zugan tatxarik izan ez dadin. Amaiera onera eraman gaitzazu, salbatuen artekoak izan gaitezen! Ama eztia, nik zure kontra hutsik egiten badut, gaztiga eta zuzen nazazu, otoi, berehala. Ai ene! Nora egin nezake ihes zu, neure ama, utzita? Neuretzat ez dut zu bezalako amarik ezagutzen. EMAKUMEEN ALDE EMAZTEN FABORE Ez itzazu kritika emakumeak, arren! Gizonek bakean utziko balituzte, ez lukete egingo faltarik. Anitz gizon ari da andreez gaizki esaka, arinki eta lizunki aipatzen baitituzte. Isilik egotea ederrago litzateke. Andreek gizonekin baizik ezin dezakete hutsik egin. Andreei buruz zuhur gutxik hitz egin dezakete gaizki. Haietaz ongi mintzatzea onestago litzateke. Zer dela eta kritikatzen dira emakumeak? Haiengandik sortuak gara handi eta txipiak oro. Balentria erraza da andreak maiseatzea; bat kritikatu nahi bada, guztiak berdin tratatzea. Isil ledin nahi nuke halakoa den guztia. Zoritzarrez eman dio hari emakumeak titia. Andre-maiseatzaile orok pentsatu behar luke nondik sortu ginen bera eta beste guztiok; eta galdetu nahi nioke ama emakume duen ala ez. Andre oro goratu behar luke amagatik. Gizonaren probetxukoa da beti emakumea. Haiengandik sortzen gara guztiok lehenik mundura; sortuta ere, hil egingo ginateke hark haziko ez bagintu; Eta haziz gero ere, egunero behar dugu haren laguntza. Osasuntsu dagoenean, haren eskua behar du janzteko eta jateko; eri denean, andre gabe galduta dago gizon baldarra. Eta hiltzen bada, nor joango da hura bezala laguntzera? Ordu oroz behar ditugu; ez da zalantzarik hemen! Emakumerik ez den lekuan ez dakusat plazerik. Ez gizona, ez etxea ez daude behin ere garbi; etxean den gauza oro gaizki atondurik da. Paradisuan ere ez nuke egon nahi, emakumerik ez balitz. Inoiz ez dut entzun emakumea lehena denik gizona oldartzen. Gizona, ordea, betiere da lehena emakumea erasotzen. Gaiztakeria beti ilkitzen da gizonengandik. Zergatik, bada, egozten diote errua emakumeari? Bertuteak handiago izan behar luke gizonetan. Askoz ere gehiago dakusat nik emakumeen artean. Mila gizon gaizto dago emakume gaizto bakoitzeko; mila andre zintzo, berriz, gizon bakarra aurkitu orduko. Bat bera ere ez litzateke onik, gizonei jaramon egingo baliete; hauek ezin utzi dezakete oldartu gabe balio duena. Baina anitz emakume eskapatzen zaie, zeren andereen artean bertutea baita hoberena. Nik ez dut entzuten emakumeak gizona bortxatzen duenik, baina bera, zoraturik, andreari darraio. Andreren bat hurbilduko balitz maitasunez harengana, zein gizonek leporatuko lioke andreari errua? Jainkoak emakumea maite du mundu guztiaren gainetik. Zerutik jaitsi zen hartaz maitemindurik; emakumeak ezarri du Jainkoa gurekin anaiturik. Andre guztiak dira laudatzekoak harengatik. Iruditzen zait gauza eztia dela emakumea, dohain guzietan guztiz gauza emea. Xarma handia du gauez eta egunez ere. Zitalkeria handia da hartaz gaizki mintzatzea. Munduan ez da hain gauza ederrik ez atseginik nola emakumea gizonaren azpian biluzgorririk: beso biak zabaldurik, errendaturik dagoenean, gizon horrek hartaz nahi duena egin dezan. Dardoaz gorputzaren erdian jotzen badu ere, ez da mintzatuko aingeruak baino gaizkiago. Eta behin dardoa leundurik eta zauria ere sendaturik, bere graziaz ezartzen ditu elkarrekin baketurik. Nor da hartaz oroitzen ez den gizon ergela eta gero halakoa kritikatzen duena? Ez da gizon naturazkoa hala egiten duena. Zergatik ez du onartzen hala egin zaion ongia? EZKONDUEN KOPLAK EZKONDUIEN KOPLAK Jaungoikoa! Ken iezadazu besterena gogotik! Bera gatibua da eta gatibu naiz neu ere hargatik. Ni gatibu naukana besteren gatibua da. Hala, ni biren gatibu izatea ekarri du ene patuak. Bizi banaiz, gogo onez izango naiz batarena, baina aurrerantzean behartuta baizik ez bestearena. Besterena beretzat maitale har dezanak plazera baino gehiagotan izango du oinaze. Elkartzeak bakanka eta beldurrez izango dira, gutxien uste dutenean sor daiteke-eta gaitza bertan. Erokeria handia da besterena maitatzea. Anitz malenkonia izango du plazer bat izan orduko. Begiez ikus, ezin mintza; han dakusat nekea. Berearekin datzanean, enetzat haizea. Arriskuarekin baizik ezin noake harengana, eta agian hark ez du orduan aukerarik izango. Eta baldin badu ere, beldur izango da; bertan doa atzera. Nik nahien dudanean, beste baten besoetan datza. Alor hartan hazia ereitea egokitzen bazait, eta eneak badira ere lastoa eta bihia, ez bat hori izango ahal dut, ezta ere bestea. Lan eginaz esker gaizto jasoko dut, eta galduko irabazia; besterentzat gelditzen da ene eskubidea. Agian gero alabarekin ezkonduko da semea. Maitasuna inork ere ez du partekatu nahi. Nik ez dakit besteak, baina ni bekatutan ari naiz. Hain noa penaturik berearekin ikusteaz! Haiek jostetan, ni neketan; orduan bai amorrua! Jeloskortasunak ezin ditzaket nik sekula kritikatu. Maite nauena ez nuke nahi inork uki liezadan. Gertatu zait besterenarekin maitekiro izatea leku batean, eta halere amorratzear nintzen berearekiko jelosturik. Maitasuna ezin daiteke arrazionalki goberna. Anitzetan maitatzen du gutxien behar duena. Ardoak baino gaizkiago mozkor dezake pertsona. Hark atzematen duena azkar estekatzen du eta berandu askatzen. Itsua da maitasuna eta ez du zuzentasuna ezagutzen. Maite duenaz gainera, ez du uste besterik dagoenik. Suak baino gaizkiago erre dezake gizona. Eta pizten duena itsasoak ere ezin dezake itzali. ISILPEKO MAITALEA AMOROS SEKRETUKI DENA Andre eder jentil batek bihotza ostu dit. Hartaz oroitzen naizenean, deus ere ezin dut irentsi. Nik hura bezala nahi nuke hark maita nintzan. Ezin ausartuz nago, muturtu dakidan beldurrez. A! Bertute bereziko ispilu bat izan ahalko banu, han barna neure gogoa sekretuki erakusteko modukoa eta nik han bertan ikus nezan haren niganako gogoa ere, behin ere hutsik ez egiteko harekiko! Ni larriki atsekabetzeko sortu zen hain ederra! Gauez eta egunez ere atsekabetzen nau larriki. Harekin batzen banaiz, harri bihurtzen zait bihotza. Neure penak esatera ere ez naiz ausartzen. Ene gogoa ezagutuko balu, maita bide ninduke. Ni errege baldin banintz, erregina litzateke. Hark hala nahi balu, elkarrekin ginateke; haren haurrak eta eneak aurride oso lirateke. Baldin eta nik neure bihotza irekiko banio eta baldin gero erantzun bortitza emango balit, geziak baino lehenago erdibi lezake ene bihotza. Duda gabe eror ninteke han bertan hilotza. Artizarrak abantaila ateratzen die besteei. Halakoa da andereen artean ni atsekabetzen nauena. Hain da eder eta jentila, ezen hartaz ero bainarama. Zori onean sortu da haren besoetan datzana! Nola ene gogoa zuzen jarria baita harengana, Jaungoikoak dakarrela harena ere niregana, ene nahigabea bihotzean barrena sar dakion eta gogo onez egin dezan desiratzen dudana. MAITALEEN ALDENTZEA AMOROSEN PARTITZIA Alde egin ahalko banio, aukera hoberena litzateke; alabaina, ez dut nik hainbeste maite dudan bestelakorik. Maiteño bat maitatu dut guztiz sobera; harekin josi dira ene arima eta bihotza. Begietan finkatua dut haren irudi ederra; bihotza hausten zait hartaz oroitzen naizenean. Nik hain dut harenganako maitasun handia, ezen harekin egoteaz ez baininteke neka. Harengandik alde egitea ihargarria da enetzat; berriz ikus dezakedan arte, etengabe naiz malenkoniatua. –A, ene maitea! Nola nauzun nahigabetzen eta zurekin ezin batuz bihotzean erretzen! Ni larri atsekabetzeko sortu zinen, ziur! Oinaze guztiak onak lirateke nitaz oroituko bazina. Gau bat nahi nuke zurekin mintzatzeko, hilabete osoz luzatuko litzatekeen gaua, astirik franko izan nezan arrangurak kontatzeko eta zurekin inolako beldurrik gabe egoteko. Orain egiaztatzen dut dakitenen esana: “ez dezala inork utzi eskuetan duena!”. Ai, itzularazi ahalko banu iragan den denbora! Seguru da orain ez nukeela dudan goganbeharra. Denbora hartan nik zugatik sufritzen nuen; orain, aldiz, zure erruz aldatu naiz neu ere. –Ez zaitez malenkonia; izango duzu maitalerik; baina zentzatzeko ordua iritsi zaizu zeuri ere. Nahigabean partaide nauzu neu ere, badakizu, baina zure aldaketan ez dut errurik bat ere. –Nire atsekaberako hartu zintudan maitale; izango dut nik, bai, aurrerantzean zugatik oinaze. MAITALE JELOSKORRA AMOROS JELOSIA –Ene maitea, gaitz da beti oinazez egotea. Behar al dut nik beti zugatik nahigabetzea? Maiteño bat izan dut miragarriki jentila. Harekin nintzenean ez nuen nik besteren beharrik. Nik ezingo nuke inoiz izan hura baino maiteagorik. Haren minez, orain nago ezin hilez bizirik. Norbaitek aldatu dit ene maiteñoa. Nik ez dakit zer den, baina jarrera berria du. Aspaldidanik ez dit ohi zuen bezala hitz egin nahi. Galdetu behar dut zerk hantu duen anderea. Sekretuki mintzatu behar dut harekin. Eta une hartan jadanik etsaia ez bada, baketu. Baina ez badit ondo erantzuten, enbido jo behar dut, behar bestekoa iruditzen zait-eta neure burua harentzako. –Nor izan da, maitea, gu bion artean? Aspaldi luzean zabiltza aldaturik. Dakidanez, nik ez dut izan bizi guztian zurekiko hutsik. Mintza gaitezen biok inoiz sekretuki nonbaiten. Inon ere ez dakusat nerau bezain erorik. Nahigabetzen nauen hark ez du nitaz axolarik. Zuhurra banintz, neu ere hura gabe egongo nintzateke; alabaina, ezin ken dezaket behin ere gogotik. Jende onak! Bihotza dut betiere negarrez, neure maite sotila galdu ote dudan beldurrez. Gauez ezin dezaket lorik egin hartaz arranguratuz; susmo handia dut adarrez bete ote nauen. Jaungoikoa! Ken iezadazu nire maitea gogotik eta haren irudia ene begietatik! Hark ez dauka nirekiko leialtasun zintzorik. Ni ere hura gabe elikatuko naiz orain. Zelaia lohitu da-eta, ez dut haren beharrik. Nahi badut, izango dut orain ere berririk. MUSU-ESKEA POTAREN GALDATZIA –Andrea! Jainkoak lagun zaitzala! Orai berdinak gara. Ni errege baldin banintz, zu erregina zinateke. Musu bat emadazu, otoi! Ez zaitez lotsatu! Nik zugatik hartutako nahigabeek ondo merezia dute-eta. –Ken hortik! Aparta hadi! Nor uste duk naizela? Ez ezak pentsa nik horrelakorik ikusi dudanik! Niri ez esan horrelako hitz gaiztorik! Besteri esaizkiok; ni ez nauk uste duana. –Andre gaiztoa bazina, ez nizuke kasurik egingo. Zaren zarena zarelako hartzen dut zutaz atsekabe nik. Ene ustez, ez dut gauza desonestorik esan. Niri musu bat emateagatik, ez zenuke desohorerik. –Hire musuak, bazakiat, beste gauza bat nahi dik. –Anderea, aztia zara; nik esan gabe asmatu duzu! –Bada, holakoetatik isilik utzi nazak ni! –Horren zaila zarenez gero, besterik egingo dut. Ez zaitut, bada, utziko bizi naizen bitartean; baina nik nahi dudana egingo duzu hemen. –Uste diat eskuarki ez haizela nitaz burlatzen. (Gizon honek desohorez beteko ote nau orain hemen?) Aaaaaaa! Zer egin dezaket nik? –Zaude isilik une batez! Etai lelori bai lelo! Musu franko, bestea bego! Andrea, hurrengoan emeago mintza zaitez! MAITASUN-ESKARIA AMOREZ ERREKERITZIA –Zori bedeinkatua! Hau bai enkontru hona! Orain begien aurrean dut desiratzen nuena. Ene maite maiteena! Egidazu justizia! Ekardazu kendu didazuna, edo emadazu bestela ordaina. –Nik dakidala, ez daukat zurea den gauzarik. Lotsaturik jarri nauzu, eta ez dakit zergatik. –Ez izan beldurrik; ez duzu arriskurik. Gure auzian ez da izango zu zeu baino beste epailerik. –Ez dut arriskurik izateko gaizkirik egin, ezta auzirik izatekorik ere. –Bada, neure maitea, nik egia diotsut: ene burua ostu duzu-eta, dagokidana balia bekit. –Ni ez naiz ohoina, lapurretan ari naizena. Ez nadila izan orain, otoi, errurik gabe difamatua. –Enetako ohoina zara, ohoin handia. Nik premiazkoen nuena daramazu zurekin. –Ni ez nauzu jakintsu. Argi hitz egin ezazu, ondo adi zaitzaten nahi baldin baduzu. –Gizonak duen maiteena eta baita ere hoberena bihotzeko lasaitasuna da eta bere lo ona. Orain ezin lorik egin dezaket, ez bihotzean dut lasaitasunik. Haiek biak galdu ditut, maitea, nik zugatik. Ondo pentsatzen baduzu, larriki ostu nauzu; zor handian zaude eta, otoi, zuzen joka ezazu. –Galdu egin badituzu, zergatik leporatzen didazu niri? Inondik ez dira etorri, nik dakidala, niregana. –Orain egun zenbait, zure adatsa orrazten zeundela, hain maitemindu nintzen zutaz, ezen nahigabeturik bainauzu geroztik. –Erraza da horrela mintzatzea; eta badakizu eroki pozten. Aipatzen dituzun nahigabe horiek handiak bide dituzu. –Hainbat ere handiak dira, ezen ezin esan bainitzake. Egiatan bazeneki, urrikal nenkizuke. –Oinazeak handiak badituzu, sendagile aski duzu. Arin sendotuko zara; larru hori osorik duzu. –Larruan zauritua banintz, bada sendagilerik herrian. Ene mina ez lezake senda zuk baizik bizian. Zure irudi ederrak eta ibilkera jentilak dardo zorrotzak baino larriago zauritu naute. Bihotzean zauritua naiz eta gatibatua nauzu. Maitaletzat har nazazu; nik dudana zurea da. Ametsetan eta esnaturik, oinazez nago ni zugatik. Hitz on bat esadazu, otoi, bat-batean hil ez nadin. –Zer nahi duzu esan dezadan kontu horren gainean? Ni bezalakorik ere aski da herrian. –Hain maite zaitut nik beste guztien gainetik, ezen mundu guztia utzi nezake zugatik. Egia esaten badut, nahigabe handia dut nik. Sekretuki mintza gaitezen biok, otoi, maitea. MAITEMINDUEN LISKARRA AMOROSEN DISPUTA –Uztazu hurbiltzen, maite kuttuna! Orain aldenduz gero, damutu egingo ginateke. –Maitea, otoi, alden gaitezen, jendea susmatzen hasi da-eta. Ohorea galdu gabe geldi gaitezen, ez gaitezen jendearen aurrean irrigarri gerta. –Ai, maitea! Galdua naiz! Inoiz ez ninteke zurekin gogait! Pena handia da bizirik egonik aldentzea. Hain azkar utzi nahi nauzu? –Neuk ere maite zaitut, benetan. Ez zaitut uzten maite ez zaitudalako. Baina Jainkoaren beldur nauzu eta bekatu gehiegi egin dugu dagoeneko. –Oraindik gazteak gara, maitea; denbora dugu Jainkoaz oroitzeko. Bitartean elkarrekin egon behar dugu. Tamalgarria da orain aldentzea. –Bekatu honetan hilko bagina, kondenatu egingo litzateke ene arima. Ez zaitez jada nirekin engaina; eta ez jarri eragozpenik niri! –Honako konbentzimendu hau dut gogoan: nik zuganako daukadan maitasuna Jainkoari ere ederra zaiola eta ezin gaitzakeela horregatik gaitzetsi. –Niri ez etorri horrelako zurikeriekin, erdi erotuta naukazu-eta! Erregutzen dizut: niri uztazu; ez duzu ondo ikusten ene gogoa. –Nola esaten didazu horrelakorik? Beti zaude burugogorkeria bortitz horiekin! Lehendabizi bihotza eraman didazu; gero neure gorputza gatibatu duzu. –Niri ez leporatu horrelako erantzukizunik! Geldi egon zintezen nahi nuke. Gure etxean gureaz ohartzen badira, galduak gara biok jagoitik. –Beti al dago, bada, jendea guri begira? Ni sekretuki nator zugana; zeuk jakingo duzu noiz duzun aukera, baina ez dakizula neketsu gerta nigana etortzea. –Erabili ohi den pitxerra hautsi egiten da; zuk ni desohore handiz beteko nauzu. Erregutzen dizut: niri uztazu, ezingo duzu-eta nitaz atseginik izan. –Kuttun maitea, egia diotsut: zugan datza ene bizitza; nahiago dut zu ikustea, herri guzia neuretzat izatea baino. –Niri ez etorri horrelako losintxekin! Isil zintezen nahi nuke. Jainkoaz oroitzeko ordua litzateke. Besterik har ezazu; niri uztazu. –Jainkoaren beldur jarri al zara? Hala bota nahi al nauzu? Nik hemendik alde egin baino lehen ene nahia egin behar duzu. –Orain hemen bortxatu nahi al nauzu? Oraingoan utzi nazazu, otoi! Beste batean etorriko natzaizu; nahi duzun hori orduan egin ahal izango duzu. –Antzinatik esana da eskuan duena uzten duenak, nahi duenean ez duela eskuratzerik izango. Utikan hitzak, bada, eta ekin diezaiogun! –Nahi zenuena egin duzu orain. Desohorea ekarri didazu. Neure zoria madarikatzen dut, gaur zugana etorri naizelako. –Otoi, maitea, ez zaitez artega! Itzuli hona aurpegi hori! Adiskide bat izango duzu nigan eta senar gaizto batek beste balio dezaket. ZOAZ HEMENDIK ORDU GAIZTOAN! ORDU GAITZAREKI HORRAT ZAKITZAT! Berriro konkistan hasi behar al dugu orain? Gonbit handiak, akaso, ezteiak iragan ondoren? Ez zara hain andere larria. Azkar har nezake merezia duzuna. MAITALE BIHOZGABEAREN ERDEINUA AMORE GOGORRAREN DESPITA Andre eder jentil batez liluratu zaizkit begiak. Herri orotan ez du ezertan parerik. Otoitz egin nion egia esan ziezadan: ea biderik litzatekeenez haren gogoko izan nintzan. Luzamendurik gabe eman dit erantzuna: –Adeitasunez hain ziur maite zaitut nik. Besterik ez duzu izango nigandik; abisatzen dizut nik. Gazte zoroa naizen arren, ez nauzu horregatik zurea izango. –Gaztea bazara ere, adimendu ona duzu. Senti ezazu, otoi, nik zugatik dudan atsekabea; bizirik nahi banauzu, zuretzat har nazazu. Zama handia izango duzu, zugatik hiltzen banaiz. –Ohorea galtzen, zail da plazer ematen. Ez zaizu zilegi niri horrela mintzatzea. Gaiztakeria egitea badakizu desohorea dela. Ni eroa, zu jakintsu, ezin zaitut aintzat har. –Nahi baduzu, zuhurra izango naiz ni. Gure arteko maitasuna inork ez du jakingo. Emadazu aukera, otoi, sekretuki mintzatzeko. Enekin mintzatzetik ezin etor dakizuke gaitzik. –Gaizki egiten denean, berehala jakiten du jendeak. Nireek desohorea jasoko lukete nik gaizki jokatzeagatik. Gu biok ezin ginateke ongi izan elkarrekin. Zaude isilik! Zoaz hemendik, hobe izango da eta! –Bihotza erdibitu didazu hitz horiekin! Hain da handia nik zugatik dudan nahigabea, ezen zeurekin ez banaiz orain bertan kontsolatzen, ene arima kanpora aterako baita erremediorik gabe. –Neke handikoa da, bai, arimaren kanporatzea. Baina orain dituzun penengatik bada, jasango du zureak. Lasai utz nazazu horrelako hantusteetatik. Probetxurik ez duzu aterako; sinets nazazu. –Nola biziko nintzateke, zurekin gaizki banago? Zurekin dira ene bihotza eta arima. Bihotz eta arima gabe inor ezingo litzateke bizi. Ondo egongo ginateke zu eta biok elkarrekin. –Jauna, egoskorkeria handikoa haiz hi, baiki. Isil hendin nahi nikek, ala ene fedea! Hitz gutxitan adi ezak egia, nahi baduk: hiretzat ez zaukaat nik, ziur egon, neure burua. –Hori horrela izango ote zen beldur nintzen. Andreak ez badaki maitaleari begirunerik erakusten, galdua naiz ni lehenik eta maitale oro gero. Baina maite bazaitut, ez dakizula hori neketsua izan! Izan ote da egundaino ni bezain zorigaiztokorik? Ene maiteak ez nau maite; nik hura ezin gaitzetsi. Uste dut ezin lor dezakedanari narraiola. Zergatik maite dut, bada, maite ez nauena? Jaungoikoa! Alda ezak, otoi, ene bihotza, izan ez dezadan, hark bezala, ene maiteaz axola. Hobe da, halabeharrez bada ere, ongi egitea gaizki egitea baino. Neuk ere utziko dut maite ez nauena. Andre-gabeziagatik hilko naiz ni, bada, lehena! Guztiez etsi behar dut, hori izango baita hoberena. Haiekin ezin aberats naiteke, baina bai gal dezaket neure arima. Eta bategatik, azkar arnega nezake gainerako guztiez ere. MOSEN BERNAT ETXEPAREREN KANTUA MOSEN BERNAT ETXAPARERE KANTUIA Mosen Bernat, gauza nola joango zen jakin bahu, Biarnora joan gabe egon hintzatekeen. Iritsi behar duen kontuan ez da eskapatzerik. Nik ongi egiteaz beste errurik ez nuela, bidegabekeriak heldu nau merezi ez nuen lekutik, erregeren aurrean salatu bainaute, errugabe garbia izanik. Jaun erregek berehala joan nenkion abisatu zidan. Gaitzez zegoela entzun nuen, baina ez nuen nik errurik. Etsaien maltzurkeriari lekurik ez uzteko, joan nintzen; errugabea izanik, ez nuen ihesik egin. Baldin eta joan izan ez banintz, errudun nintzatekeen eta beti sinetsi zatekeen ene kontrako faltsukeria. Justizian entzuna izan banintz, azkar atera nintzatekeen; haren faltaz, baina, hasi naiz etorri izanaz damutzen. Zuhurtzia handia da besteren gaitzaz zentzatzea. Etsairik duen guztiak niregan eskarmenta beza. Ziurta beza bere burua, abantailan dabilen artean. Hobe da betiere gaitza aparte egoztea. Ni, gaixoa, ni neu etorri natzaio etsaiari eskura. Nik ondo egindakoak ere orain kaltegarri dira guztiak. Haren mendean ez banengo, justiziak babestuko nindukeen. Mirakulurik egingo banu ere, ene errua litzateke orain. Ezin inor babestu testimonio faltsutik. Hala kondenatu zuten Jainkoa ere hiltzera. Bekatariak gara-eta, ez gaitezen harritu baldin eta bidegabeki akusatuak bagara. Pazientzia izan dezagun eta Jainkoak lagun gaitzala! Berak mendeka dezake gaiztakeriatan dabilena. Jaungoikoa! Zu zara egiazko epailea. Zure gortean berdinak dira handia eta txipia. Norbaitek maltzurkeria handia egin dit. Barka iezaiezu hura, otoi, eta niri egia balia. Jaungoikoa! Libra nazazu etsaiaren agindupetik! Eta ene etsaiak ikusten baditut ene gaitzaz pozturik, zure eskuaz zigorturik ikus ditzadala, nitaz egin ez dezaten pentsatu duten iseka. Jaungoikoa! Bekatu egin dut zure kontra. Ez nazazu, otoi, haiengatik hemen zigortu. Nik dakidala, erregeri ez diot huts egin, orain hemen gatibu egon behar izateko. Zuganako huts egindakoez zigortu nahi banauzu eta errege eta beste guztiak ene kontra armatu, gogo onez nahi dut zure ekinbidea laudatu eta etsaiak ematen didan sufrikarioa pazientziaz hartu, ene arima, hemen sufri dezadan arren, salba dadin. Zeuk ikusazu haiek zer merezi duten. Atsekabe guztiak etortzen dira Jainkoaren nahitik eta guztia permititzen du berak hoberena lortzeagatik. Agian honela ez banengo, hila nintzatekeen jadanik. Ene etsaiak, suntsituko ninduelakoan, ene alde jokatu dik. Haietako batzuk hil dira; ni bizirik nago oraindik. Ongi egin uste baitut ohorezki aterata, gaitza etorri bezala, onura ere berehala etorriko da. Gaitza jasan ez duenak ez daki ona zer den. Ongi eginez eta gaitza sufrituz salbatu behar dugu. Oinazea eta miseria nik ez nituen dastatuak. Orain badakit: Jaungoikoak ez nau kondenatu nahi, ni hemen atsekabetzeaz oroitu baita. Urre onak behar du suan ondo garbitu. Beretzat nahi izan ez banindu, ez nindukeen zigortuko. Aitak bere haur maitea zigortu ohi du; bihi ona gorde aurretik xahutu behar da. Jaungoikoak nitaz ere hala egin du agian. Mosen Bernat: pentsa ezak kartzela hori latza bada, nonbait ere infernua are latzagoa dela. Hemen hik badukek, baina haiek ez, nork kontsola. Oinazeak hemen azkar dik amaiera; haienak ez, sekula. Hemen ez duk batere minik, salbu eta ateratzeko nahia; han direnek beti dute suan oinaze handia, oinaze handi, izugarri, inolako etenik gabea. Hartaz oroit hadi eta pazientzia izango duk. Besteren aholkulari hintzen, orain heure buruarena izan hadi. Oinaze honetaz oroitzean, hangoaz hausnar ezak. Hemengoaz bestekoa saihestu ahalko bahu, ondo enplegatua izango huke heure denbora hemen. Ondo aholka hezake heuk jende guztia, hor balego. Bada, orain aldiz heure burua aholka ezak, kriseiluari gertatutakoa hiri gerta ez dakian: besteei argi egitean erretzen dik bere burua. Hiri bidegabe handia egin badiate, Jainkoari gomenda iezaiok heure arazo guzia. Hark guztiei emango ziek merezi dutena: gaizkileei oinaze handia, pazientzia dutenei loria. Ez dezaala gorrotoagatik kondena heure burua, gaiztoari gaizkia iritsi dakion desiratuz. Jainkoari afruntu handia egiten diok: hura borrero egiten duk eta heure burua epaile. Hik heure etsaia zertan epaitzen duan, hartan kondenatzen duk heure burua; eta hartan ez dakiake aitzakiarik balia. Erakustak non den errugaberik! Jaungoikoa! Arrangura handia dut orain. Hiri honetan erailik zentzen da jendea. Espetxeraturik hil ez nadin ni, gizon errugabea, emadazu zuk, otoi, bizirik ateratzeko bidea, etsaiak ez diezadan atzetik irri egin: –“Erruduna zuan eta han galdu dik bizia”. Libertatea gauzarik hoberena den bezala, atxiloturik egotea pena gogorrena da. Ez dadila, otoi, ni bezala inor tronpa, ezta hitz guztietan fida ere gizona. Jaungoikoa! Zaindu zuk niri ere dagokidan eskubidea. Amen. KONTRAPAS KONTRAPAS Euskara, atera hadi kanpora! Garaziko herria benedikatua izan dadila! Euskarari eman dio behar zuen moldea. Euskara, atera hadi plazara! Gainerako jendeek uste zuten ezin idatzi zitekeela. Orain egiaztatu dute tronpatuak zirela. Euskara, atera hadi mundura! Mintzairetan ohi hintzen estimu gutxikoa; orain, aldiz, hik behar duk ohorea guztien artean. Euskara, habil mundu guzira! Beste guztiak izan dira bere goien gradura igoak. Orain hura igoko da beste guztien gainera. Euskara! Guztiek estimatzen dituzte euskaldunak, euskaraz ez jakin arren. Guztiek jakingo dute orain euskara zer den. Euskara! Oraindaino egon bahaiz inprimatu gabe, aurrerantzean ibiliko haiz mundu guztian barrena. Euskara! Inongo hizkuntzarik, ez frantsesa ez besterik, ez da aurkitzen orain euskararen parean. Euskara, atera hadi dantzara! SAUTRELA SAUTRELA Kanpoan da Euskara, eta goazen guztiok dantzara! O, Euskara! Lauda ezak Garaziko herria, handik jaso baituk behar huen moldea. Lehen azkena hintzen hizkuntzen artean; orain, aldiz, guztietako lehena izango haiz. Euskaldunak leku guztietan estimatuak ziren, baina erdaldunek haien hizkuntzaz iseka egiten zuten, euskara ez baitzen inon idatzita aurkitzen. Orain jakingo dute zein gauza ona zen! Burua altxa beza Euskaldun den gizon orok, lore ederra izango baita haien hizkuntza. Printze eta jaun handi guztiek hartaz galdetzen dute orain, ikasteko desira baitute, ahal balute, idatzizkoa baliatuz. Desio hura Garaziko naturak bete du, hark eta orain Bordelen dagoen haren adiskideak: huraxe da euskararen lehen inprimatzailea; aurrerakoan euskaldun guztiok gara haren zordun. Etai lelori bai lelo, leloa zarai leloa! Kanpoan da Euskara, eta goazen guztiok dantzara! HASIERA XUME HONI ZORI HOBEAK JARRAI DIEZAIOLA! PARLAMENTUKO ERREGISTROEN LABURTZAPENA EXTRAICT DES REGESTES DE PARLEMENT Bordeleko maisu inprimatzailea den François Morpain-ek apaltasunez egiten duen eskabidea: Linguae Vasconum Primitiae izenburuko tratatua inprimatzeko xahupen asko egin behar izan dituenez, Gorteari eskatzen dio justizia egin dezala eta laket izan dakiola lurralde honetako liburu-inprimatzaile guztiei aipatu tratatua inprimatzen edo inprimarazten galaraztea eta merkatari guztiei hiru urtez bestelako ediziorik saltzea debekatzea, mila libera tourstarreko isun-mehatxuarekin. Eskabide hau ikusirik, Gorteak aipatu Morpainek eskatutako debekuak onesten ditu, mila libera tourstarreko isun-mehatxuarekin. Bordeleko Parlamentuan luzatua, mila bostehun eta berrogeita bosteko apirilaren azken egunean. Alderaketa burutua da De Pontac AURKIBIDEA LINGUAE VASCONUM PRIMITIAE DOKTRINA KRISTIANA AMOROSEN GAZTIGUIA EMAZTEN FABORE EZKONDUIEN KOPLAK AMOROS SEKRETUKI DENA AMOROSEN PARTITZIA AMOROS JELOSIA POTAREN GALDATZIA AMOREZ ERREKERITZIA AMOROSEN DISPUTA ORDU GAITZAREKI HORRAT ZAKITZAT! AMORE GOGORRAREN DESPITA MOSEN BERNAT ETXAPARERE KANTUIA KONTRAPAS SAUTRELA EXTRAICT DES REGESTES DE PARLEMENT EUSKALDUNON HIZKUNTZAREN HASIKINAK DOKTRINA KRISTAUA MAITALEENTZAKO AHOLKUA EMAKUMEEN ALDE EZKONDUEN KOPLAK ISILPEKO MAITALEA MAITALEEN ALDENTZEA MAITALE JELOSKORRA MUSU-ESKEA MAITASUN-ESKARIA MAITEMINDUEN LISKARRA ZOAZ HEMENDIK ORDU GAIZTOAN! MAITALE BIHOZGABEAREN ERDEINUA MOSEN BERNAT ETXEPAREREN KANTUA KONTRAPAS SAUTRELA PARLAMENTUKO ERREGISTROEN LABURTZAPENA
AURKIBIDEA SARRERA AXULARREN ITZALA DONOSTIA SUTAN HUNGARIAKO SOLDADUA NIK DEBRU DAKITA! (1) BIZARGINAREN INTXAURRA JOSETXOREN LANBRETA BERRIA SOLDADUSKAREN KONTUAK PIERRE TARDÉ-REN AMETSA SOINUJOLERAREN PATU GAIZTOA BELARRETAN EUSKARAREN ARGI-ILUNAK ALTZATEKO JAUNAREN IRRINTZIA AXULAR HANDIAREN HOBIAN KARTA-BOTATZAILEAREN IGARKIZUNA TXIRRINDULARI TREBEAK SHALA JAUREGIKO ANDEREA AITAREN NEGOZIO BILERA SUGAARREN ITZULERA GENEVIÈVE ETA PAXKAL IPUIN IRAKURKETA IZABAKO HILERRIAN LANDARBASOKO LEIZE-ZULOAN SARRERA Izate honetan badira unibertso paralelo aunitz, herri bakoitzak bere unibertsoa garatzen baitu. Haatik, unibertso horiek ez daude isolaturik, beraien artean lotura ugari baitira. Elkarri eragiten diote eta ezberdinak diren arren, den-denek erro berberak dituzte: amodioa eta gorrotoa, bakea eta guda, adiskidetasuna, elkartasuna, jelosia, bekaitza, herra… eta gainerako giza pasio guztiak. Eta hamaika unibertso horien artean, bada euskal unibertso bat, euskaldunok milurtekoz milurteko, mendez mende, urtez urte, egunez egun, unez une… eraiki, eraikitzen duguna. Liburu honetan azaltzen diren hogei ipuinak euskal unibertsoan garatzen dira, garai eta herrialde ezberdinetan. Badira XIX. mendean, aro napoleonikoaren zorigaiztoko garai haietan gauzatzen direnak, XX. mendean gertatu zirenak edota gerta zitezkeenak, eta baita XXI. mende berri honetakoak ere. Era guztietako gertaerak eta ekintzak korapilatzen dira, gure historiara letra larriaz igaro direnak eta letra xeheaz idazten diren eguneroko kontu ttikiak. Denetarik dago. Zazpi herrialdeetako eskualde, herri, ibai eta hiriak dira ipuin hauen agertoki naturala. Gure mitoak ere, nabarmen azaltzen dira istorio hauetan: Sugaar, sorginak, mamuak, Altzateko Jauna, Shalako Anderea,… baina Axular da, inolako zalantzarik gabe, liburu honi batasun eta kohesioa ematen dizkion pertsonaia. Deabruak kendutako itzalaren xerka ibili omen zen urte luzetan. Batzuen ustez, itzalik gabe hil zen. Besteren ustez, ez zen hil, beste mundu paralelo batera igaro baizik. Eta azken hauen irudikoz, mundu paralelo horretan itzala berreskuratu omen zuen. Desagertu aurretik, Gero liburu miresgarria utzi zigun testamentu gisa. Badira, liburu honen segidako bigarren liburu bat idatzi zuela defendatzen dutenak. Fabula edo errealitatea, gauza da gaurko euskaldunon eskuetara ez dela halako bigarren libururik inoiz iritsi. Itzala berreskuratu zuen Axular itzala ezin berreskuratuz dabilen Euskal Herri gaixo honen antitesia litzateke. Gure ama-lurraren itzala berreskuratzea biharko euskal belaunaldien eginkizunik handiena izanen da. Eta bitartean, iraun beharra daukagu, ezin baitugu besterik egin. Eta ez da gutxi. Axularren itzalak babes gaitzan euskal unibertsoan bizi garen orok. Amai dezadan 1921ean, Jean Barbierrek Gure Herria aldizkarian argitaratu zituen bertsoak lerro hauetara ekarriz: AXULARREN ITZALA Zuhaitz handiak, lore ttikiak berekin dakar itzala, nahi bezenbat argitugatik, gizon orok hala-hala! Itzalik gabe, aditua naiz, aingeruak ditezkela… Huna non dioten Axularrez itzal gabe bizi zela! Sara herrian, nere anaiak, eskuak elgarri guk har, Gure bihotzen erdi-erditik gora guziek Axular!! ! Jainkoarenak hartu ondoan, diote, Axular jaunak Salamankan hartu zituela eskolak… Deabruarenak! Saritzat zer utz Galtxagorriri gure aphez eskualdunak? Utzi ziozkan aztaparretan… zituzten itzalak denak. Sara herrian, nere anaiak, eskuak elgarri guk har, Gure bihotzen erdi-erditik gora guziek Axular!! ! Itzalik gabe, ordutik harat, bizi zen beraz herrian, aphez saindua, handi egina, orotan Eskual Herrian. Orori beha, oro zakizkan, oro zahartzen agerian… Eskuara zuen gora altxatu, hari doakon neurrian, Sara herrian, nere anaiak, eskuak elgarri guk har, Gure bihotzen erdi-erditik gora guziek Axular!! ! Itzalik gabe hura bezala, nahi girea, anaiak? Gure Axular bezenbat garbi, nahi girea guziak? Galtxagorriri, harek bezala, utzi… erdaldunkeriak, aztaparretan utz deabruari beraren kaskoinkeriak! Sara herrian, nere anaiak, eskuetan basoak har! Gora Ithurri, Elizanburu! Gora guziez Axular! DONOSTIA SUTAN 1813ko udaren hasierarako Napoleonen soldaduak erretiradan ziren fronte guztietan. Hala eta guztiz ere, zenbait hiritan, Iruñean eta Donostian kasu, gotorturik jarraitzen zuten. Rey jeneral frantsesak, hiru mila eta bostehun soldadu zituela, Donostiako gotorlekuaren defentsa hartu zuen bere gain. Soldadu kopuru honi gehitu zitzaizkien Donostian babestu ziren Foyren dibisioko zazpiehun gizonak. Defentsarako batailoi bat San Bartolome komentuko gainean kokatu zuen, berrogei bat soldadu Santa Katalina zubia babesten eta hogeita bost gizon Santa Klara Klara uhartean bertako kapera gotortu ondoren. Donostia gotortuan babestu aurretik, harresietatik kanpo zeuden San Martin eta Santa Katalina auzoak errearazi zituen. Ekainaren hogeita zortzian, Mendizabal jeneralaren gidaritzapeko armada espainiarra Donostiara hurbildu zen. Honen agindupean zetozen Ugartemendia koronelaren menpeko hiru batailoi gipuzkoar eta bizkaitarrez osaturiko bizpahiru batailoi. Hogeita bederatzian, San Bartolome hartzen ahalegindu ziren, baina alferrik, ez baitzuten artilleriarik horrelako eraso bat ongi burutzeko. Hori ikusita, Donostiara ura zeraman urtegia hautsi zuen eta setioari hasiera eman. Bitartean, Pasaia eta Getaria hartu zituzten. Uztailaren hiruan, ingeles itsas-armada iritsi zen. Donostiako portua blokeatzeko asmoa zuen. Ingelesek hogeita sei kanoi eta zortzi mortero ekarri zituzten. Uztailaren bederatzian, ingelesez eta portugaldarrez osaturiko armada aliatua iritsi zen. Graham jenerala zen armadaren burua. Jeneral honek bere gain hartu zuen Donostiaren setioa. Horrela izanik, Mendizabal jenerala eta bere ostea, Donostia ingelesen esku utzirik, Bidasoa aldera borrokatzera abiatu ziren. Handik zenbait egunetara, Hernani hartu berria zuen Wellington jenerala ailegatu zen eta berari eman zioten Donostia hartzeko agindua. Berehalaxe, hiri gotortua hartzeko plan bat burutu zuen. Itsasbehera baliatuz, Urumea ibaiaren aldeko goierako hamalau metro zuen harresian zulo bat egin eta bertatik sartu. Hauxe zen bere asmoa. Horretarako hogei kanoi kokarazi zituen Txofreko dunetan. Bertatik harresia bonbardatu eta zuloa zabaldu egin nahi zuen. Hori eginda, hamalauan Pirinio aldera abiatu zen bertako armadaren burutza hartzeko. Uztailaren hamabostean, San Bartolomeko gaina eraso egin zuten, baina azkenean, atzera egin behar izan zuten, muinoan ehun eta berrogeita hamar soldadu hilik utzirik. Uztailaren hamaseian, etengabeki bonbardatu zuten San Bartolome komentua, eta ondorioz sutan utzi zuten. Uztailaren hamazazpian, San Bartolome komentua defendatzen zuten frantsesek hura utzi eta San Martin auzoko hondakinetan babestu ziren. Horixe izan zen aliatuek Donostiako gotorlekua hartzeko espero zuten momentua, baina artilleria eta infanteria barra-barra erabili bazituzten ere, lau orduko gatazka odoltsu baten ondoren, atzera egin behar izan zuten. Hemezortzitik hogeira, bi egunak barne, aliatuen artilleriak etengabe zigortu zituen Donostiako harresiak. Uztailaren hogeita batean, Graham jeneralak errendizioa eskatu zion Rey jeneral frantsesari, baina honek ez zuen horretaz hitz egin nahi izan. Hogeita bian, aliatuen artilleriak Urumea aldeko harresian, Amezketa eta Hornos izeneko dorreen artean hain zuzen, berrogeita hamar metro luze zuen bretxa edo zuloa egin zuen. Ordurako Wellington jenerala itzulia zen Pirinioetatik eta setio lanak bere gain berrartuak zituen. Azken honen aholkuei jarraituz, hogeita hirurako Hornos eta San Telmo dorreen arteko harresian hamar metro luze zuen bigarren bretxa bat zabaldu zuten. Egun berean, suak bretxa ondoko lehen etxeak hartu zituen. Hiri barruan ia urik ez zutenez gero, gaizki samar ibili ziren sutea itzaltzeko. Gaur boulevarra dagoen istmo edo hondarrezko pausu estuan babesleku bat eraiki zuten hurrengo erasoa bertatik egin ahal izateko. Uztailaren hogeita bostean, bigarren erasoaldi handia burutu zuten. Hornabekeko beheko aldea lehertu zuten bertako defendatzaileen artean laborria sortaraziz. Huraxe izan zen erasoaldi handirako seinalea. Bi mila soldadu hondarrezko pausu estuan egindako babeslekutik irten eta harresira hurbildu ziren defendatzaileen metraila desafiatuz. Zurriolatik lehen bretxara sartzen saiatu ziren, baina alferrik, frantsesen artilleriak izugarrizko sarraskia sortu baitzuen ingelesen osteetan. Osora ehun bat hildako eta laurehun bat zauritu eduki zituzten. Frantsesen aldetik, berriz, hemezortzi hildako eta berrogeita bederatzi zauritu. Abuztuaren hamabostean, frantsesek San Napoleonen eguna handikiro ospatu zuten. Urgull mendiko gazteluan Vive l´Empereur zioen suzko txartela ezarri zuten. Hogeita seian, Wellingtonek berrehun bat gizon bidali zituen uhartea hartzera. Berehalaxe menpean zuten. Bitartean, eta etengabe, hirurogeita hiru kanoik Donostia bonbardatu zuten. Hogeita hamarrerako, frantsesen artilleria ia osoa hondatuta edo zerbitzutik kanpo zeukaten. Abuztuaren hogeita hamaikan, hirugarren eta azken erasoaldi handia burutu zuten. Eguna ilun samarra esnatu zen, goiz-goizetik hodei beltzak eta laino handiak izan baitziren nagusi. Hori dela eta, goizeko zortziak arte ezin izan zuten artilleria erabili. Ordu horretatik aurrera ingelesen artilleriak ez zuen atsedenik hartu. Hamabietan itsasbehera zen eta horretaz baliatuz bretxatik sartu nahi zuten. Hori gauzatzeko, hamaikak aldera, infanteriak eraso egiteari ekin zion, bretxara behin eta berriro hurbilduz. Haatik, frantsesek ez zieten zulotik sartzen utzi. Baina ingelesek erasoaldi hura galdutzat ematen zuten momentuan ustekabeko handia gertatu zen. Bonba galdu bat frantsesek bretxa atzean zeukaten bolborategian erori zen eta sekulako eztanda sortu. Hirurehun bat soldadu frantses txiki-txiki eginda gelditu ziren eta bretxa ingurua defentsarik gabe geratu. Rey jeneralak etxez etxeko eta kalez kaleko defentsa agindu zuen hasieran, eta handik ordu betera, dena galdua ikustean, Urgull mendiko gaztelura erretiratzea. Arestian aipatu bezala, frantsesek ordubetez eutsi zioten kalez kaleko eta etxez etxeko borrokari. Urgull mendiko gazteluan gotortzea zen beraien helburua. Kalez kalezko borroka horretan zazpiehun bat soldadu frantses hartu zituzten preso eta ohore militarrez tratatuak izan ziren. Donostiako alkaideek ingelesaren agintariekin hitz egin zuten populazio zibilari zor zitzaion errespetua eskatzeko, eta dirudienez hitz onak jaso omen zituzten. Baina, tamalez, Donostiako biztanleak eta haien ondasunak babestu beharrean, biztanleria bortxatze eta sarraskitzeari, lapurreria egiteari eta etxeak erretzeari ekin zioten inolako oztoporik gabe. Emakume asko, ihesbidea bilatuz, estolda zuloetan ezkutatu edota teilatuetara igo baziren ere, gehien-gehienak soldadu ingeles eta portugaldarren hatzaparretan erori ziren. Donostiak infernua zirudien, lurrera etorritako infernu gori-goria. Hori guztia gertatzen ari zen bitartean, ekaitz izugarri handi batek hiria astintzen zuen, euri zaparrada, trumoiak, tximistak eta guzti. Soldadu sartu berriak etxeetan sartzen ziren den-dena lapurtzen, baita biztanleek jantzirik zeukaten arropa ere. Kaleetatik barrena, noraezean, Donostiako biztanleek, biluzik edota erdi biluzik, babesa biltzen zuten bitartean, soldaduek umeak eta zaharrak hiltzen, emakumeak bortxatzen inolako adinik errespetatu gabe, jarraitzen zuten. Esterlines kaleko Bidaurreta merkatariaren etxean sartu nahian zebiltzan atea bortizki kolpatzen. Familia, senar-emazteak, hamabost eta hamahiru urteko Elisa eta Kontxesi alabak, eta hiru seme txikiak sukaldean zeuden, ikarak harturik eta errezo santuari lotuak. Atea botatzekotan zeudela, Estepan aitak etxeko diru guztiak hartu eta ate aldera joan zen familiaren osotasuna erosteko asmotan. Iritsi baino pixka bat lehenago, soldaduek atea botata zuten eta barrura sartuak ziren. Estepan Bidaurreta merkataria haiengana hurbildu zen dirua erakutsiz. Soldaduetako batek tiro bat eman zion buruan, bete-betean, eta lurrera hilotz jausi zen. Bihozgabe talde hura familia bilduta zegoen goiko solairura igo zen. Ama sukaldeko atean jarri zen sarrera trabatu nahian, baina hantxe bertan baionetez josi zuten. Ama horrela ikustean, Elisa alaba laguntzera joan zitzaion eta pizti haietako bizpahiruk hartu eta amaren gorpu gainean bortxatu zuten. Gainerako soldaduek hiru mutikoak kolpatu eta biluztu ondoren kalera bidali zituzten. Kontxesi gaztea beraiekin eraman zuten. Hurrengo egunean, hau da, irailaren bateko goizean, kale bazter batean topatu zuten kupel batera lotuta, biluzik, odolez beterik, eta alutik baioneta bat sartuta zuela. Etxean baliozko zegoen guztia zakuratu ondoren su eman zioten eraikinari. Elisa bortxatu ondoren, hilik zegoelakoan, bertan utzi zuten. Esnatu zenean, etxe osoa suak harturik zegoela ikusi zuen. Nekez atera ahal izan zen kalera. Handik hurbil estolda bat ikusi eta bertan ezkutatu zen. Hurrengo goizean, ingelesek bizirik gelditzen ziren donostiarrei hiri gotortutik irteteko baimena eman zietenean, beraiekin batera alde egin zuen. Donostiak bazituen garai hartan zazpi mila bizilagun gutxi –gorabehera, eta setioaren orduan hiru mila eta bostehun edo lau milaren artean zeuden barruan. Sarraskiaren ondoren, Donostiako udalak egindako txostenetan irakur daitekeenez, mila eta berrehun biztanle erail zituzten gau odoltsu hartan eta seiehun etxe inguru kiskali. Bakar-bakarrik Trinitate Kalean zeuden hamasei etxeak salbatu ziren, bertan ofizialeen bizitokiak ezarri zituztelako. Udaletxea ere erre zuten, eta Santa Maria eta San Bizente elizak salbatu ziren bertan ospitaleak ezarrita zituztelako. Irailaren lehen egunetan, hiritik alde egindako donostiarrek inguruetako herrietan bilatu zuten aterpe, eta irailaren zortzian, Zubietan bilduta, bizirik zirauten donostiarrek hiria berreraikitzea erabaki zuten. Elisa Bidaurretak Donostia berreraikitze lanetan parte hartu zuenetako bat izan zen. Jasan behar izan zuen bortxaketa anitz eta basatiaren ondorioz, haurdun gelditu zen eta mutiko kaskagorri bat mundura ekarri. Ume asko jaio ziren horrela, eta aita ezagunik gabeak zirenez gero, gehienei Brit abizena ezarri zieten, britanikoen bortxaketaren fruitu zirela azalduz. Elisaren semeari ere Brit jarri zioten lehen deitura gisa. * * * 2007ko uztailaren bosta. Eguzki handia zeruan. Donostiako hondartza guztiak jendez gainezka daude. Beñat Sagardia gaztea goiz guztia Kontxako hondartzan eman zuen lagunekin batera. Eguerdi aldera, etxera bazkaltzera itzuli zen. Amak atea zabaldu zion: - Egun on Beñat! - Egun on ama! - Ondo pasatu al duk hondartzan? - Bai, izugarri ondo. Ura epel-epela zegoen. Primeran bainatzeko. - Ene bada, Beñat! Gaur ere erre al haiz? - Ez ama, zuk ekarritako krema ondo eman eta igurtzi dut. - Aurpegian ere bai? - Baita aurpegian ere. Ez nuen urtero bezala aurpegia horrela gorritzea nahi. - Bada, urtero bezala hago! Masailak gorri-gorriak dituk. Bihar dermatologo batengana eramango haut. Hurrengo egunean dermatologoenera jo zuten. Honek mutila ongi haztatu ondoren, honela esan zien: - Ez kezkatu. Beñatek duena ez da ezer, herentzia genetikoaren kontua baino. Zuek ba al duzue familian aurreko ingeles edo eskoziarren bat? - Ez, ez…. guk dakigunez ez! –amak. - Ba… horrelakoren bat eduki behar duzue familian, seguru. –edikuak, bere baieztapena berretsiz– Masailak eguzkiarekin horrela gorritzea oso ohikoa da britanikoen artean. Ukendu bat aginduko dizuet. Eguzkia hartu aurretik –mutilari begira– eman ezazu egunean bi aldiz. Eta esan bezala egin zuen. Errezeta idatzi eta amari eskura eman zion. Agur, beste bat arte! esanaz. Etxera joatean aitari kontatu zioten dermatologoak esandakoa. Aita isildu zen zenbait minutuz eta gero horrela azaldu zien: - Arrazoia du, gure aldetik britanikoen odola daukagu. Ni Patxi Sagardia Brit nauzue, amaren aldetik, 1813ko abuztuaren hogeita hamaikan, ingelesak Donostian sartu zirenean, soldaduek bortxatu zuten nesketako baten ondorengoa. Oker ez banago, Elisa Bidaurreta izena zuen. HUNGARIAKO SOLDADUA Gerra guztiak dira odoltsuak eta ankerrak, baina Napoleon Bonapartek XIX. mendean piztu zituenak ordura arte Europak ezagutu zituen odoltsuen eta ankerrenak izan ziren. Frantses Inperioak Europa osoa zuen amets, eta dena eskura zuela zirudienean jausten hasi zen, kartez egindako gaztelutxoak jausten diren modu berean. Europa osoa bilakatu zen gatazka-leku. Euskal Herrian ere gatazka handiak izan ziren Gasteizen, Donostian, San Martzialen… Odolezko errekek euskal lurra busti zuten han eta hemen. Frantses armada erretiratzen ari zen erresistentzia handia emanez. Eskualdez eskualde, bailaraz bailara borrokatzen ziren, urrutitik kanoiez eta zizpoletaz, eta hurbiletik baionetaz. Aiako Harria eta Larrun mendien arteko eskualde zabala izan zen gatazka-leku odoltsu horietako bat. Frantziarrez eta Europako beste hamabost bat nazionalitatetako gizonez osatutako armada inperialak, gibelera egiten bazuen ere, garesti ordainarazten zien espainol, ingeles, eskoziar, portuges eta gainerako aliatuez osaturiko gudaroste etsaiei. Mendiz mendi, ibarrez ibar, baserriz baserri aritu ziren borroka bizian bertako zelai berdeak odolaren gorritasunaz tindatzen. Atsedenik gabe borrokatzen ziren, egunez eta gauez, barkamenik gabe, aurrez aurre, gizonez gizon, baionetaz baioneta. Azkenean, hura anabasa bihurtu zen. Han ez zeuden bi armada borrokan, hamaika bat talde sakabanatu baizik. Bakoitzak ahal zuena egiten zuen. Irungo lurretan, Ibarla aldean, Hungariako soldaduez osatutako errejimendua erretiradan zihoan. Ustekabean, oihanetatik ateratako etsaiek hango belar-soro batean txikitu zituzten. Etsaiek ez zuten presorik nahi, aurrera egiteko presaturik baitzeuden, eta hori dela eta, bertan baionetaz josi zituzten harrapatutako guztiak. Ilunabarrean, sai eta beleen karraka zen nagusi hilerri bilakatutako belardi hartan. Baina ez ziren saiak eta beleak gatazka-leku izandako belaze odoleztatu hartan bilaka zebiltzan bakarrak, inguruetako baserritarrak ere gorpuz gorpu xerkatzen ari baitziren baliagarri gerta zekiekeen guztia jasoz. - Begira ezazue mutil hau! Bizirik dago! –esan zien Inexa gazteak ondoan zituen senideei. Inexa hamasei urteko neska gazte pertxenta zen, gatazka-leku ohi hartatik gertuen zegoen baserriko alaba gazteena. Eta harekin batera ari ziren bilatze lan desatsegin hartan bost anaia-arrebak eta aita-amak. Inexak topatutako soldadu gazteak neska baino pixka bat zaharragoa zirudien, hemezortzi urte ingurukoa edo. Ile horiko mutil lerdena zen, hungariar errejimendu inperialekoa. Zuhaitz baten gerizpean etzanda zegoen eta paparrean zuen zauritik odola borborka zerion. Ahoa eta begiak mugitzen zituen, baita tarteka, baserritarrek ulertzen ez zituzten zenbait hitz jaurti ere. - Aita, ama! Mutil hau bizirik dago! Eraman dezagun gurekin baserrira. Han sendatuko dugu. Gurasoek baiezkoa eman bezain pronto Inexaren anaiek soldadu gaztea besoetatik eta zangoetatik hartuz baserrira eroan zuten. Han denbora luzez eduki omen zuten bizitza eta heriotzaren artean, baina azkenean, gaztearen osasunak onera egin zuen eta bertan gelditu zen bizitzen bertako senidea bailitzan. Mutil jatorra eta langilea zenez baserriko familiak izugarri estimatzen zuen. Denbora laburrean euskaraz primeran ikasi zuen eta orduan bere bizitza tristearen berri eman zien. Ivan Gal izena zuen eta Hungarian ez zeukan inor zain, bere familia osoa eraso batean harrapatua eta baionetaz josia izan baitzen. Laster Ivan eta Inexaren artean amodioa piztu zen eta bi urte beranduago Irungo Junkal elizan esposatu ziren. Ikusten dugun bezala, gizakiaren ekintza guztietatik era guztietako ondorioak sor daitezke. Gerra lazgarri hark Ivanen eta Inexaren maitasuna piztu zuen, eta gerra lazgarri berak ekarri zituen gaur Irunen eta bere bailara osoan Gal abizena duten hamaika eta hamaika gizon-emakume. NIK DEBRU DAKITA! (1) XX. mendeko bigarren hamarkadan Nicolas Lamberger frantses hizkuntzalari baskofiloa Baigorri aldera iritsi zen eskualdeko karta edo mapa bat egiteko asmoz. Hizkuntza guztiak miresten bazituen ere, euskara zen bere kuttuna. Louis-Lucien Bonaparte printzeak egindako mapa dialektalak, behin eta berriro, ikertuak zituen, eta Wilhelm von Humbold-ek euskaldunei buruz idatzitako liburu eta prentsa artikuluak buruz zekizkien. Euskararekiko sentitzen zuena ez zen amodioa, pasioa baizik. Bazekien Baigorri aldeko toponimia berezi samarra zela, eta bere asmoa, bertakoekin mintzatu ondoren, karta zehatz bat egitea zen. Eta horrela, bere asmoa bete nahirik, Baigorri aldera etorri zitzaigun zaldiz. Bi aste eskas zeramatzan Baigorrin eta ordurako egin beharreko ia guztia buruturik zeukan. Bertako artzain eta laborari gehienek bazuten Monsieur Lamberger-en berri, beraien artean hau eta hori galdezka ibilia baitzen. Halako batean, Mixel Kurutxet-en bordara bertaratu zen. Aldameneko pentzean zen artzaina ardiak zaintzen. Monsieur Lamberger harengana hurbildu eta agurtu eta bere burua aurkeztu ondoren, galderak egiteari ekin zion: - Nola du izena leku honek? - Lizardoi. –laborariak erantzun eta hizkuntzalariak eskuan zeraman kaier txipian horrela idatzi. - Eta gibeleko harkaitz handi hori? - Haitzandi. –laborariak erantzun eta hizkuntzalariak bere kaier txipian idatzi. - Eta iturri hori? - Ureder. - Eta hango mendixka? - Hegiluze. - Eta iturri ondoko pentzea? - Iturralde. - Eta hango oihana? - Hariztoi. - Eta horko pettarra? - Eta zilo hura? - Eta hango borda? - Eta ondoko ordokia? - Eta horko belardia? Oren erdia zeraman galdezka eta jadanik, Mixel artzaina biziki aspertua zen. Haatik, hizkuntzalariak galdezka jarraitzen zuen. - Eta urruneko gailur hura? Hura aski zelakoan, Nik debru dakita! ihardetsi zion artzain haserretuak, eta hizkuntzalariak horrela idatzi zuen bere kaier txipian. * * * Handik bi urtetara, hizkuntzalari bera azaldu zen bere zaldi gainean Mixel Kurutxet-en bordan. Poz-pozik zetorren eta sakelatik berak egindako karta atereaz, artzainari eman zion, bi urte lehenago emandako laguntza baliosa bihotz-bihotzez eskertuz. Hizkuntzalaria bordatik aldendu zenean, Mixel artzainak mapa begiratu zuen. Bertan zen berak emandako informazio guztia: Lizardoi izeneko bazterra, Haitzandi izeneko harritzarra, Ureder izeneko iturri garbia, Hegiluze izeneko mendixka, Iturralde izeneko pentzea, Hariztoi izeneko oihana… Informazio guztia ona zen, dena borda gaineko gailurrarena izan ezik, kartan Nik debru dakita izen bitxiaz birbataiatua azaltzen baitzen. Oharra: Ipuin hau Luzien Etxezaharreta adiskideak kontatutako narrazioan oinarritzen da. BIZARGINAREN INTXAURRA XX. mendeko bigarren hamarkadan baziren Donostiako Alde Zaharrean bi bizargin. Bat Santa Maria parrokiako auzunean eta bestea San Bizenterenean. Joxemaritar eta koxkeroen arteko banaketa puri-purian zen garai hartan. Iñaxio Artola, koxkero amorratua zenez, bere auzuneko bizarginarengana joaten zen baina beti kezka batekin ateratzen zen, bere bizarginak ez baitzizkion aurpegi zuloko ileak inoiz ongi mozten. Bezeroei barrendik mingain punta ezarriz zuloa estaltzeko agintzen bazien ere, ez zuen aurpegiaren gune hori inoiz garbi mozten. Akats txiki hori maiz izaten zen gizonezko koxkeroen arteko mintzagai kafetegi eta tabernetan. Santa Maria aldeko bizarginarenera joaten ziren joxemaritarrek, berriz, aski garbia erakusten zuten aurpegi zuloko gunea, bertako ileak ongi moztuta, alegia. Behin, Iñaxio Artolak, zokokeriak baztertuta, lagun handia zuen Xebas Etxabe joxemaritarrari bere kezka plazaratu zion, eta horrek honela erantzun: - Motel, motel… jun hadi behin batez gure bizarginarenera. Abila dek oso. Oso teknika ona erabiltzen dik. Jun hadi motel! Ez haiz damutuko! Ikusiko dek! Eta adiskide onaren aholkuei jarraituz, Iñaxio Artola Santa Maria auzuneko bizarginarengana joan zen. Gizon jatorra iruditu zitzaion. Eta egia! Aurpegi zuloko ileak mozteko bazuen teknika berezi bat. - Tori gizona! Sar ezazu intxaur hau ahoan eta aurpegiko bizarra moztean, masailen azpian eduki! Bizarginaren teknika berezia ezagutzean, Ez daude asto guztiak Igeldon bere baitarako pentsatu bazuen ere, txintik esan gabe obeditu zuen agindutakoa. Intxaurra ahora sartu eta eskuineko masail azpian kokatu zuen bertako bizarra mozten zion bitartean. Masail hura eginda, beste masaileko aldera pasatzeko agindu zion bizarginak. Eta orduan gertatu zen gertatu behar ez zena. Iñaxio hizketan ari zen bizargin berritsuarekin, eta ustekabean gaizki kalkulatu eta intxaurra ahoko ezker aldera pasatu beharrean, eztarritik barrena bidali zuen. - Ai ene! Aitaren eta semearen! Ederra egin dut. Halako intxaur puska, eta irentsi egin dut. Hau da hau! –Iñaxio Artolak, irentsitako intxaurraren neurriaz kezkatuta. - Ez kezkatu gizona! –bizarginak, Artola lasaitu nahian-edo– Lasaitu zaitez! Duela bi egun, Narrika kaleko Joxemari Arruek ere intxaur bera irentsi zuen ustekabean. Atzo gauean obratzean atera zuen, nekez, baina atera zuen. Gaur, goiz-goizean, bizartegia ireki baino lehenago itzuli dit. Eskerrak!! ! JOSETXOREN LANBRETA BERRIA XX. mendeko hogeita hamarreko hamarkadan automobila aberatsen kontua zenean, motor ttiki bat edukitzeak nolabaiteko estatusa ematen zion bere jabeari. Bizikleta, autobusa eta trena ziren garai hartan Euskal herrian gehien erabiltzen ziren garraioak eta jende xeheak ordu asko ematen zituen oinez alde batetik bestera. Gazteek txirringa maite zuten, ibilgailu jorrek herri batetik bestera mugitzea, inolako garraio publikorik gabe, ahalbidetzen zielako. Independentzia ematen zien, nolabait. Eta gehien-gehienek motor edo motozikleta ttiki batez egin zuten amets. Dena den, eta arestian aipatu dudan bezala, garai hartan oraindik ez zegoen denon eskura motor bat edukitzea. Igande arratsaldeetan bikoteak herrietako plaza edota ibiltokietan biltzen ziren, eta gero paseoan aritzen. Oraingo historia Errenterian gertatu bazen ere, Euskal Herriko edozein herritan gerta zitekeen. Igandero, arratsaldeko bostak aldera, gazteak zumardian biltzen hasten ziren. Lehendabizi, neskak biltzen ziren eta ordu erdi batez kontu-kontari aritzen ziren beraien artean elkarri kontu ttikien berri emanez. Geroxeago, mutilak joaten ziren andregaiaren bila eta horrela, bikoteak bilduta, paseatzeari ekiten zioten, bikotea bakarrik batzuetan, taldeka –hau da bi edo hiru bikote elkarrekin– gehienetan. Arratsalde pasa egin ondoren, norberak bere etxeko bideari ekiten zion, eta normalean, mutilek neskak laguntzen zituzten euren etxeetako sotoetaraino. Erretiradako momentu gazi-goxo horietan izaten ziren musutxorik ederrenak edota maitasunezko hitzik politenak. Uztaileko igande hartan eguzkiak indar handiz berotzen zuen. Neskak, igandeko arropa dotoreaz jantzita, zumardiko jarlekuetan eserita zeuden, mutilen esperoan. Bitartean, beraien sekretuak kontatzen zizkioten elkarri. - Gaur Pellok alkandora zuri berria ekarriko du jantzita. Irrikitan nago ikusteko. Ederra egongo da, benetan! –Mari Karmenek, suspirioen artean. - Ba, Iñaxiok espartin berriak ekarriko ditu. Atzo bere arreba Joanik esan zidan berriak erosi dizkiotela, aurrekoak zahartuta eta zulatuta zituelako. Dotore egongo da, benetan! –Pilartxok, bere mutila afanatu nahian. - A zer kasualitatea! Gaur, gure mutil guztiek estrenatu behar dute zer zerbait. Beñardo nireak mila arraiazko galtza berria ekarriko du jantzita. Aurrekoa zahar samarra zeukan, eta ama besoetakoak berria oparitu dio. Eder-ederra egongo da, benetan! –Joxepik, bere mutila goratu nahian. - Eta hireak, Iñaxita? –isilik zegoen laugarren neskari begira– Zer estrenatuko du Lezoko hire baserritar arlote horrek? –Mari Karmenek. - Kar, kar, kar. Kar, kar, kar!!! –hiru neskak eroaren gisa barrez. - Josetxok gaur ez du arroparik estrenatuko –Iñaxitak– baina lanbreta bat erosi du eta harekin nire bila etorriko da. –Iñaxitak, bere hitzak ongi ahoskatuz eta beste hiru neskengan inbidia sortaraziz. Handik gutxira Pello etorri zen bere alkandora zuri diztirante berria jantziaz. Ederra mutila, benetan! Geroxeago, Iñaxio etorri zen espartin berriak jantziaz. Dotore, dotorea! Eta azkenik, Beñardo iritsi zen bere mila arraiazko galtza berria jantziaz. Ongi ematen zion. A zer mutil ederra! Bakar-bakarrik Josetxo eta bere lanbreta falta ziren. Zarata bat entzuten zuen guztietan Iñaxitak ezker-eskuin begiratzen zuen urduri. Baina alferrik! Josetxo ez zen inondik azaltzen. Halako batean, motor soinu eder bat entzun zuten. Burrun, burrun, burrun…! Eta abarkez, koadroetako alkandoraz eta galtza bonbatxo urdinez jantzitako mutil bat azaldu zen lanbreta berri-berri baten gainean. Josetxo zen! Iñaxitaren bihotza poztu eta harrotu egin zen. gainerako neska-mutilek isilik eta bekaitzez gainezka begiratu zioten etorri-berriari. - Arratsalde on Jaungoikoak eman diezazuela! –Josetxok. - Baita zuri ere! –beste guztiek. - Eguraldi polita gaur! –Josetxok. - Bai, oso eguraldi polita. Eta zer egiten duk hik hemen horrelako eguraldiarekin? Ez al duk belarretan egon behar? –Pellok, Josetxoren baserritartasunaz burlatu nahian. Josetxok ez zuen erantzun eta Iñaxitari begira, honela eskatu zion: - Eser zaitez atzean Iñaxita, Txikierdiko erromeriara joango gara. Eta Iñaxitak bere mutilak eskatu bezala egin zuen. Gainerako neska-mutilek zorrotz begiratzen zieten bekaitza ezin ezkutatuz. Josetxok motorra berotu eta jauzi bat eginez, Errenteriatik Txikierdi alderantz abiatu zen, zumardian beraiei begira gelditu ziren neska-mutilak ahoa bete hortz utzirik. Abiatu eta minutu pare batera, Josetxok Iñaxitari galde egin zion: - Zer moduz Iñaxita? Ondo pasatu al duzu astea? … Baina bere harridurarako, neskak ez zion erantzun. - Iñaxita, haserre al zaude berandu iritsi naizelako? … Eta oraingoan ere, inork ez zion erantzunik eman. - Ongi al zaude, Iñaxita? –galde egin zion azkenik, atzera, neska eserita zegoen tokira begiratzen zuen denbora berean. Baina neska ez zegoen motorrean, bere gibelean eserita. Zumardi aldera begiratu zuen, eta han, errepidean eserita, ikusi zuen Iñaxita gaixoa. Lehen jauzi hartan eroria ziurrenik. Zumardian ziren gainerako neska-mutilak barrez lehertu ziren. - Kar, kar, kar. Kar, kar, kar, Kar, kar, kar ,kar!! ! Eta Iñaxita gaixoak, lotsaren lotsaz, ez zekien zer esan edota zer egin. Josetxok, atzerantz biratu zuen motorra, Iñaxita lotsatua hartu eta bide osoan elkarri deus esan gabe, Txikierdi aldera abiatu ziren. Iñaxitaren masailetatik amorruzko malkoak zirristatzen ziren. Gaur, berrogei urte igaro dira Errenteriako zumardian istripu ttiki hori gertatu zitzaienetik. Lezoko baserrian bizi dira seme-alabez eta bilobez inguraturik, eta Josetxo eta Iñaxitaren bihotzetan piztuta sumatzen dena ez dira amorruzko edota lotsazko sentimenduak, maitasunezko eta zoriontasunezkoak baino. SOLDADUSKAREN KONTUAK Oraingo gazteek, zorionez, ez dute inolako soldaduskarik egin behar, baina gauza jakina da ez dela horrela izan beti. Iparraldean frantsesen derrigorrezko soldaduska laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran indargabetu zuten eta Hegoaldean espainolen soldaduska zenbait urte beranduago. Horrela izaki, oraingo gazte euskaldunak libro dira horrelako zerbitzu penagarriak egitetik. Dena den, tarteka, berrezartzearen zurrumurruak entzuten dira, gehienbat Madrileko politikari eskuindarren ahotan. Baina utz ditzagun oraingo arriskuak airean eta irakur dezagun hirurogeita hamarreko hamarkadan kokaturiko istorio hau. Patxi eta Juantxo iruindar gazteak pozik bizi ziren beraien herrian. Ttiki-ttikitandik lagunak ziren, eskolan elkarrekin ibiliak baitziren eta garaiko gazteen modura parrandaz parranda eta bestaz besta zebiltzan. Biak sanferminero amorratuak ziren, urtero entzierroan korri egiten zuten horietakoak. Behin, zezen batek Patxi harrapatu zuen eta ipurdi matrailean utzi zion bere adarraren oroigarria. Patxi ardo-biltoki batean aritzen zen zama lanetan eta Juantxo zerbitzari gisa Gaztelu plazako Iruña kafetegian. Andregaia ere bazuten. Edo hobeto esanda, neskalaguna orain esaten den bezala. Zorigaiztoko egun batean soldaduskara joateko agindua jaso zuten etxeko gutun-ontzian. Eta itxaroteko gauza bazen ere, hor hasi zitzaien gure bi lagunei bizimodua mingosten. - Hau nazka! –Patxik– Orain, dena eskura daukagunean, bizimodua nolabait bideratuta, joan behar diagu militar babo ergel horiek zerbitzatzera. - Bada, hi joango haiz! –Juantxok, haserre bizian– Nik ez diat joateko asmorik. - Eta zer eginen duk, desertatu eta Iparraldera ihes egin? –Patxik, harrituta. - Bai zera! –Juantxok, suminduta– Ni ez nagok orain horrelako abenturetarako, baina zer edo zer asmatuko diat. - Arrazoia duk! Zer demontre! –Patxik– Nik ere zerbait asmatuko diat. Soldaduskara beraien izeba Margarita joan dadila! Zenbait egun beranduago, kuartelera neurtzera eta lehen paperak egiteko egun malapartatua iritsi zitzaien. Ehunka gazte pilatzen ziren kuarteleko sarrerako zabaldian txandaren zain. Patxi eta Juantxo ere beraien artean zeuden. - Ez zegok eskubiderik! –Juantxok– Militar babo hauentzat gu azienda gara, besterik ez. Patxik burua goitik behera astinduz adostasuna adierazi zion. Eta ordubete ilaran eman ondoren, bulegoetara sartzeko tenorea iritsi zitzaien. Atean zegoen sarjentuak egin beharrekoa azaldu zien. - Kendu arropa guztia galtzontziloa izan ezik, neurtu eta pisatuko zaituztegu-eta. - Ikusten? –Juantxok, amorruaren amorruz– Behiak bezala tratatzen gaitiztek. Eta Patxik, berriro ere, burua goitik behera astinduz adostasuna adierazi zion. Pisatu, neurtu eta gorputzaren atalak ongi aztertu ondoren, janzteko eta ate ondoko bulegora pasatzeko agindu zien lehengo sarjentu berberak. - Zoazte bulegora, eta soldaduska ez egiteko pisuzko arrazoiren bat baldin baduzue konta iezaiozue bulegari andereari zuen txostenean idatz dezan. Entzun bezala egin zuten. Bulego ziztrin hartara sartu eta arrunt itsusia eta desatsegina zen atso bulegariak banan-banan hartu zituen. Juantxoren txanda ailegatu zelarik galde egin zion: - Eta zuk zer daukazu? - Alergia ikaragarri bat –Juantxok– Erdi gaixo uzten nauen alergia bat. - Zehaztu gehiago mesedez. Zerk eragiten dizu alergia hori? –atsoak. - Militarren uniformeek! –Juantxok, serio-serio eta ilaran zeuden beste mutil guztien barre algarak sortaraziz– Uniformeak ikustean hazkura handia etortzen zait eta egon eza sortarazten dizkidaten pikor handi-handiak eta gorri-gorriak ateratzen! – Segitu zuen Juantxok. Atso bulegariari ez zitzaion bat ere gustatu Juantxoren alegazioa, eta haserre bizian erantzun zion: - Ez zait iruditzen taxuzko arrazoia denik, beraz, txostenean ez dut horretaz ezer idatziko. Eta hobe zuretzat, gainera, lotsagabe hori! Hori idatziz gero, soldaduska egin beharko duzu baina ziegan sartuta. Alde hemendik astapito hori, eta eros ezazu ukenduren bat zure pikorrak sendatzeko! –eta ilaran zain zeudenei begira– Hurrengoa! - Eta zuk zer duzu? Beste alergiaren bat koskabiloetan? –esan zion haserre aurpegiaz ilaran hurrengoa zen Patxiri. - Ez anderea! Nik ez dut hortzik! –ihardetsi zion oso modu traketsean ahoskatuz eta inolako hortzik gabeko ahoa zabalduz. Ilaran zeuden beste mutil gazte guztiak aho zabalik geratu ziren Patxirena entzutean. Juantxok ezin zuen sinistu ere egin ikusten ari zena. - Baina, baina… Patxi! –esan zion harridura handiz. - Eta noiztik zaude hortzik gabe? –atsoak, txostenean Patxiren alegazioa idatziz. - Ttiki-ttikitandik. Lau urte nituenean asto batek ostikada bat eman zidan ahoan, bete-betean, eta ordutik. –Patxik. - Ongi, ongi da! Hurrengoa! –atsoak. * * * Kuarteletik ateratzean Juantxok derrigorrezko galdera egin zion Patxiri: - Baina erotu al haiz? Zer egin duk? - Hortzak limatu ditiat soldaduskatik libratzeko. - Hi zeharo erotu haiz motel! –Juantxok. * * * Handik hilabete batera bi lagunak kalean topatu ziren. - Aizak Juantxo, ba al dakik soldaduskatik libratu naizela? –Patxik, pozaren pozez, hortzik gabeko ahoa erakutsiz. - Zorionak Patxi! Hortzengatik, ezta? –Juantxok, etsiturik. - Ez motel, ez, oin zapalak topatu dizkidatelako! PIERRE TARDÉ-REN AMETSA Betidanik autobusak maite izan ditu Pierre Tardé frantsesak. Txipitan horixe izaten zen Eguberrietan Bizarzuriri opari gisa eskatzen ziona. Urteak joan eta urteak jin, urtero gauza bera eskatzen zuen. Bere logela era, neurri eta kolore guztietako jostailuzko autobusez beteta zeukan. Ez zen jostailu hoberik harentzat. Lyon-en bizi zen bere guraso eta anaia-arrebekin. Ikasketak bere hirian egin zituen, eta behin, nerabe zela, eskolako zenbait lagunekin batera bidaia bat egin zuen Euskal Herrira, Lapurdiko Getaria herrira, hain zuzen ere. Bertan hamabost egun eskas egin zituzten arren, aski izan ziren Pierre gurea Euskal Herriaz, bertako hondartzez, bertako paisaiaz eta bertako neska batetaz maitemindu zedin. Pierre eta bere lagunak egunero joaten ziren bertako hondartzara eta bertan, hondartza aurreko ostatu horietako batean topatu zuen bere bizitzako lilia. Neskak Mirentxu izena zuen eta euskalduna zen, Donapaleukoa, eta udetan Lapurdiko kostaldera hurbiltzen zen ostalertsa. gisa lan egitera eta sosa batzuk sakelaratzera. Ikusi orduko maitemindu ziren, amerikarren filmetako protagonistei gertatzen zaien bezalaxe. Hamabostaldia bukatuta, Pierre Tardé Lyonera itzuli zen, atzean Euskal Herria eta Mirentxu utzirik. Orduz geroztik, eta hurrengo uda arte, eskutitzez eta telefonoz hitz egin zioten elkarri. Hurrengo urtean, Pierre Getariara itzuli zen, baina ez udatiar gisa. Herriko ostatu batean lan bilatu zuen eta bertan aritu zen zerbitzatzen uztailean eta agorrilean. Horrek aukera eman zion, lana bukatu ondoren, Mirentxurekin ateratzeko eta bien arteko harremana finkatzeko. Irailean Lyonera itzuli zen, eta berriro ere, telefonoz eta eskutitzez bideratu zuten bien arteko harremana. Hurrengo urteko uztailaren hasieran Getarian zen, berriro ere, eta berehalaxe hasi zen lanean aurreko urteko ostatu berean. Bertako nagusiek aunitz estimatzen zuten, Pierre mutil zintzo eta langilea baitzen. Beraiekin eta Mirentxurekin ikasi zuen euskaraz. Agorrilaren azken aste kondarrean, Mirentxuk Donapaleura eraman zuen mutila, bere baserria eta bere familia ezagutu zitzan. Mirentxuren gurasoek eta anaia-arrebek biziki harrena ona egin zioten Pierreri. Irailerako Lyonen zegoen, berriz ere, baina ordurako bazuten ezkontzaren eguna finkatuta. Hurrengo urteko udaberrian, Donapaleuko elizan esposatu ziren eta Mirentxuren baserrian habia zuten finkatu. Mirentxuren anaietako batek bazuen garaje mekaniko bat eta berarekin lan egin zezan hartu zuen Pierre. Eta horrela, nahigabean, txipitatik zuen zaletasuna ere hurbiletik ezagutu ahal izan zuen. Hamabost urtetan koinatuaren garajean lan egin ondoren, azkenean, bere bizitzako ametsa betetzeko aukera etorri zitzaion. Ordurako bazuen diru franko aurreztuta, eta horrekin eta bankuan eskatutako diru maileguarekin, autobus konpainia bat zabaldu zuen. Hasieran autobus bakarra zuen, baina lanean biziki fina zenez gero, urte zenbaiten buruan sei autobus edukitzera iritsi zen. Bere emaztea, bere lau seme-alaba txipiak, eta autobusak maitatzeaz gain, euskara eta Euskal Herria era indar handiz maite zituen. Horregatik, hasiera-hasieratik, bi lauburu handien artean, bere izen-deiturak ezarri zituen autobus guztietan, baina euskaraz. Autobus konpainia ireki zuenez geroztik hamar bat urte igaro dira, eta gaur egun bere autobusak hor dabiltza, langileak, ikasleak, udatiarrak, negozio andre-gizonak,… toki batetik bestera eramaten. Eta gainera, puntual-puntualak izateko sona ongi irabazia omen daukate bi lauburu handiren artean BETTI BERANTA euskal letra dotorez idatzirik daramaten autobusek. SOINUJOLERAREN PATU GAIZTOA Daniel Irazoki lesakarra soinujole famatua zen Bortziri osoan. Bestetan eta ezkontzetan jotzen zuen gehienbat. Aunitzen ustez, ez zegoen besta egiterik Daniel gabe. Esku-soinujole trebea izateaz gain, hagitz animosoa zen, eta dohain berezia zuen jai giroa pizteko. Soinu ttikiaz ere, ederki moldatzen zen. Horixe zen Danielen ofizio eta afizioa, eta horri esker ateratzen zuen bere bizimodua aurrera. Ateratzen zuena ez zen aberasteko hainekoa, baina bai eroso bizitzeko modukoa. Hori bai, arrunt nekeza, aste-hondar guztietan horretan aritzen baitzen, han-hemenka jotzen, eta aunitzetan baita gaueko ordu ttikietan ere. Behin, Fantastic Zircus izeneko zirku italiarra iritsi zen ondoko herrira, hau da, Berara, lehoi, krokodilo eta guzti. Bortziriko haur guztiak, holakoetan gertatzen den bezala, bertara hurbildu ziren. Italiarrek negozio ona espero zuten, baina ustekabez, lehoiak mantsotzeko musika jotzen zuena bihotzekoak jota hil zen egun haietan, eta piztiak urduri samar zebiltzanez gero, ez zen jendaurreko espektakulurik ematen ahal. Zirkuko zuzendaria eta idazkaria guztiz desanimatuta zeuden, afera konpontzeko zer egin ez zekitela. Horietako batean, Errekalde ostatuan pintxoak jaten ari zirela, bertako mutil zerbitzariak Daniel Irazokiren berri eman zien. Zerbitzariaren hitzek esperantzaz piztu zituen gizon nahigabetu haien bihotzak. Eta horrela, Lesakara joan ziren Danielen bila. Musikaria etxean harrapatu zuten eta berehalaxe proposamen goxo bat luzatu zioten: - Zure lana litzateke egunero lehoiei musika jotzea, ordubete goizez, beste hainbeste arratsaldez. Musika goxoa entzutean izugarri lasaitzen dira, eta gero trankil eta sosegatu ibiltzen dira zirkuko pistan hezlearen aginduetara. Karabana guztiz hornitu bat jarriko dizugu, hilero hiru mila euro kobratuko dituzu eta urtean hilabeteko oporraldia izango duzu. Zer iruditzen zaizu? Lesakarrak harrituta entzun zuen zirkuko zuzendariaren proposamena, eta ez zitzaion bat ere gaizki iruditu. Berehalaxe onartu zuen. - Bai, ados nago! Non sinatu behar dut? Eta horrelaxe, Daniel Irazoki soinujole lesakarra lanean hasi zen Fantastic Zircus ospetsuan. Bizpahiru urtetan, alde batetik bestera ibili zen zirkuarekin bueltaka. Europa osoa korritu zuten. Hasieran oso gustukoa izan zuen bizimodu hura leku eta pertsona ugari ezagutzeko aukera eman baitzion. Ingelesez, frantsesez eta italieraz hitz egiten polito ikasi zuen. A zer pagotxa! A zer mandinga! –pentsatzen zuen lehen garai hartan. Baina lehen hiru urteen bueltan lan hura aspergarria eta monotonoa egiten hasi zitzaion. Egunero, bai goizez eta bai arratsaldez, lehoi kaiolan sartu eta eskusoinua jotzen hasten zitzaien. Kaiolan sartzean piztiek lesakarra orroka hartzen bazuten ere, handik ordu erdi batera lasai ederrean etzanda gelditzen ziren, hagitz mantsoturik, lesakarraren soinua atsegin handiz entzuten. Daniel kaiolara sartzean lehoi zirenak kaiolatik irtetean katu bilakaturik zeuden. Hori bai, jo beharreko musikak lasaia behar zuen izan, baltsak, klasikoa… ez fandango edota horrelakorik. Eta hori zela eta, lan hura aspergarria eta errepikakorra egiten hasi zitzaion gure musikariari. Hori bai, hilero jasotzen zuen soldatak aspergarritasun guztiak uxatzen zizkion burutik. Huraxe zen haren benetako pizgarria. Daniel dirua aurrezten ari zen. Bost urte gehiago lanbide horretan, eta Lesakan baserri bat erosteko haina diru edukiko zuen. Huraxe zen haren ametsa, gero eta gertuago zekusan ametsa. Haietako batean, bere roulottera kuluxka egitera zihoala, zirkuko albaitaria topatu zuen atean bere zain. - Arratsalde on Irazoki jauna! –esan zion errespetu handiz. - Gauza bera Mazzantini jauna! Zer duzu nire zain egoteko? –Danielek, albaitariaren bisitaz harrituta. - Luzifer lehoi zaharraz hitz egin nahi nizun. Badakizu zahar samarra dela, eta gero eta gaixoago dagoela, ezta? - Bai jauna. Zaharra baina gisakoa. Arreta handiz entzuten dit beti. Nire kuttunetako bat da. - Bai, badakit. Baina adinak ez dio inori barkatzen eta agian ez zenuke kaiolan beste lehoiekin batera sartu beharko. Arriskutsua izan daiteke. - Zaude isilik, Mazzantini jauna! Luzifer nire entzulerik onena da. Isil-isilik, otzan-otzan, mantso-mantso egoten da nire musika entzuten. Niretzat plazera da esker oneko horrelako entzuleak edukitzea. Ez dut pentsatzen nire kontzertuetatik aldentzea. Alferrik ari zara! - Baina, baina… Irazoki jauna. Entzun beharko zenidake. Luzifer gero eta zaharragoa da eta gero eta kaskatuago dago. –albaitariak bere iritzia ongi azaldu nahian. - Eta zer? Zaharra delako geriatriko batean sartu beharra daukagu eta gure musikatik urrundu? Ezta erotuta ere! –Irazokik, haserretzen hasita. - Baina Irazoki jauna! Ez izan kasketoso eta entzun nire arrazoiak! –Mazzantini jaunak, bere baitatik irteten hasita. - Kasketoso? Entzun behar nuena! Utz nazazu lasai! Nik badakit zer den egin behar dudana! –eta gehiago esan gabe, albaitaria ahoa bete hortz utzita, roulottera sartu zen. Daniel Irazoki ez zegoen albaitari babo haren iradokizunak betetzeko prest. Luzifer entzule ona zuen, eta kontzertuetatik urruntzea bekatu mortala iruditzen zitzaion. Hori dela eta, kontzertuen tenoreetan, beste lehoiekin batera kaiolan sartzen jarraitu zuen. Luziferrek begi handiz begiratzen zion beti, arreta ezin hobeaz. Baina azkenean, gertatu zen gertatu beharrekoa. Goiz batean, Danielek bederatzi lehoi sartu zituen kaiolan bere kontzertuaren entzule izan zitezen, Luzifer zaharra beraien artean. Danielek ohiko errepertorioari eman zion hasiera, baltsak eta horrelako doinu lasaiak. Lehoiek liluratuta begiratzen zioten, lasai-lasai, otzan-otzan, mantso-mantso… Danielek pozik segitzen zuen eguneroko kontzertuaz. Haatik, Luzifer zaharra ez zegoen beti bezain lasai, otzan, mantso. Etengabe orroka ari zen, bere letagin zorrotzak, behin eta berriro, erakutsiz. Haserre zirudien. Bat-batean altxatu eta harriturik begiratzen zion musikariarengana abiatu zen… Goizeko hamarrak aldera, jendaurreko goizeko saiorako lehoiak behar zituztela eta, hezleak eta bere laguntzaileek kaiolan gertatutako triskantza ikusi ahal izan zuten. Kaiolan, lehoiak lasai-lasai, otzan-otzan, mantso-mantso, zeuden etzanda, sabela bete-bete eginda, bapo janda. Soinujolearen arrastorik ez, hezur odoltsu pilo bat eta zenbait arropa urratu izan ezik. Kaiolako bazter batean, lurrean botata, soinujolearen akordeoia zegoen. Hezlearen eta laguntzaileen oihu eta garrasiek zirkuko gainerako guztiak erakarri zituzten. - Mamma mia! Hau da hau! –zuzendariak, eskuak desesperazioz burura eramanda. - Gertatu behar zena, jauna! –albaitariak– Lehengo egunean ohartu nahi izan nuen. Luzifer gero eta entzungorragoa zegoela esan nahi izan nion, baina zoritxarrez, ez zidan entzun nahi izan. BELARRETAN Iñaki gazte azpeitiarra zen, baserritarra. Aita-amak adinekoak zituen eta Pilartxo arreba elbarri zen. Horrela izanik, esan daiteke, bat ere zalantzarik gabe, bera zela baserriko sostengurik nagusia. Baina militarrek ez zuten horrela ulertu, edo hobeto esanda, ez zuten ulertu nahi izan, eta derrigorrezko soldaduskara deitu zuten. 1973. urtea zen, Francoren diktaduraren azkeneko urteak. Ordurako diktadorea arras gaixorik eta akiturik bazegoen ere, gobernukideen zitalkeriak bizi-bizirik zirauen, eta jakina, ez zeuden prest gazte euskaldun baten egoera lazgarriari erreparatzeko. Iñakik, adiskideek aholkaturik eta lagundurik, beharrezko alegazioak egin zituen soldaduskatik salbu geratzeko, baina alferrik!, militarrek entzungorrarena egin baitzuten. Eta horrela joateko tenorea iritsi zitzaionean, Iñaki soldadu eraman zuten Azpeititik Espainiako zoko galdu batera. Hura infernua izan zen Iñaki gurearentzat. Han, etxetik urrun, pailazo anker batzuei obeditu beharrean, ulertzen ez zuen hizkuntza batez egiteko behartuta, eta baserrian utzitakoen oroitzapenek bihotza kiskaltzen ziotela, kartzela batean bezala sentitzen zuen bere burua. Udararen etorrerak erabat estutu zuen Iñaki. Bazekien baserrian bere beharrean zeudela. Belarretan aritzeko garaia zen eta bera gabe ezinean ibiliko ziren guraso eta arreba gaixoak. Baserrira joan beharra zeukan. Pentsatu eta egin. Astebururako baimenaz atera zen behin, trena hartu eta Euskal Herrira itzuli zen. Baserrira iristean, guraso gaixoak ikusi zituen belarretan, ezinean, leherturik, lur jota zeudelarik. Seme gazte sasoikoa ikustean poz handia hartu zuten. Hura poza! Salbu ziren! Astebete egin zuen baserrian, eguraldi ederra baliatzen eta belar-metak egiten. Bitartean, kuartelean militarrek Iñaki bilatzeko eta atxilotzeko agindua emana zeukaten. Hurrengo astelehenean, eguzki handiko egunean, Iñaki gurdi gainean ari zen lanean, belarra ongi antolatzen. Aitak, sardea eskuan, belarra igotzen zion gurdira, eta ama, emeki-emeki, belar pixarrak jasotzen zituen eskuareaz. Horrela ari zirela, hiru gizon azaldu ziren urruntasunean, eta lanean ikustean beraiengana hurbildu. Militarrak ziren. - Iñaki Sorazu Larrañaga! –galde egin zieten lanean ari zirenei. - Bai, ni naiz! –mutil gazteak erantzun. Eta ezer gehiago esan gabe, hiru gizonek gaztea gurditik jaitsarazi zuten eta eskumuturretan kriluak jarriz, beraiekin eraman zuten. Alferrik izan ziren guraso zaharren protesta eta negarrak! Gizon haiek ez zuten gupidarik ezagutzen, eta barre, irain eta kolperen artean Iñaki baserritik aldendu zuten. Espainiako kuartelera eraman eta desertorea zela argudiatuz, epaiketa militarra egin zioten. Bekatu handia omen zen Iñakik egindakoa, eta hori dela eta, epaile uniformatu bihozgabe haiek hamabost urteko kartzelaldia agindu zioten. Horren ondorioz, Euskal Herritik oraindik urrunago zegoen dorre-espetxe batean sartu zuten. Espetxeko zuloan egunak bata bestearen atzetik igarotzen ziren. Bizitza hura infernu berbera zen Iñakirentzat. Isolatuta zeukaten leiho ttiki bakarra zuen ziega hartan. Ez zuen ia inor ikusten, kartzela-zain ankerrak izan ezik, eta hauek, behin eta berriro, iraintzen eta umiliatzen zuten haren euskalduntasunaz trufatuz. - Toma la comida de los cerdos para cenar, vasco de mierda! (To txerri-jana afaltzeko euskaldun zarpaila!) –esaten zioten txerri-bazka hura ziegako zola zikinean utziz. Kartzelako leihotik egunez eguzkia eta gauez ilargia eta izarrak ikus zitzakeen baita tarteka hodei zurien artean hegaka zebiltzan txoriak eta hegaztiak ere. Txorien txioa eta arrunt gutxitan egiten zuen euriaren doinua ziren bihotza lasaitzen zioten bakarrak. Udazkena igaro zen, baita negu gorria ere. Atzean gelditu ziren ziega hozpelean pasatutako hotzak. Udaberria argitasunez jantzirik etorri zen, uda sargoritsua gero. Iñaki ordurako desesperaturik zegoen belarretan nekez eta ezinez arituko ziren aita-ama zaharrez pentsatuz. Zulo hartatik atera beharra zeukan. Baina, nola? Giltzapean zeukaten ezagutzen ez zuen hiri arrotz handi batean. Uztaileko egun batez, kartzela-zainak ziegako atea zabaldu zuenean ohiko txerri-bazka emateko, Iñaki ohean etzanda topatu zuen. Ostikada bat eman zion jaiki zedin. - Despierta cerdo, que aquí tienes tu comida! (Esna hadi txerri halakoa! Hemen daukak hire jatordua.) Baina Iñaki ez zen mugitu, ez zion erantzun. Hori ikusita, kartzela-zainak maindire zikina altxatu eta mutilaren eskumuturreko zainak moztuta zeudela ikusi zuen. Espetxeko medikuari deika hasi zitzaion, baina berandu zen, ordurako Iñaki beren hatzaparretatik libre baitzen. Egun berean, Azpeitiko baserrian guraso zaharrak nekez ari ziren belarretan, seme gaixoaren oroitzapena bihotzetan zutela. Horrela ari zirela, zapalaitz eder bat ikusi zuten beraien gainean jira-biraka zerbaiten berri eman nahiko balie bezala. Senar-emazte zaharrek hura ikusita, lanabesak utziz, besarkada beroa eman zioten elkarri. Mezua ulertu zuten. Iñaki libre zen! EUSKARAREN ARGI-ILUNAK Akira Yakushaki mutil japoniarra da, unibertsitatetik irten berria dena. Hizkuntzalaritza landu du eta beka bat atzeman du bere tesia presta dezan. Akira buru-belarri dabil bere tesiarekin. Mendebaldeko hizkuntza zahar bat ikasten eta aztertzen ari da: euskara. Dagoeneko maila polita du Tokioko unibertsitatean burutu dituen ikasketei esker. Euskaraz idazteko eta irakurtzeko ez du zailtasun handirik, baina hitz egiteko, berriz, bai. Eta hutsune hori nolabait estaltzeko Euskal Herrira etorria da. Lazkaoko Maizpide euskaltegian matrikulatu da eta orduz geroztik, jo ta ke aritzen da euskaraz. Bi hilabete egin ditu, jadanik, eta erraztasun handiz aritzen da hizketan. Erraztasun horri esker adiskide aunitz egin ditu bai euskaltegian eta bai euskaltegitik kanpo ere. Mutil jatorra eta atsegina denez gero, inolako arazorik gabe egin ditu lagunak. Euskal Herrira etorri bezain pronto, auto bat hartu zuen alokairuan, eta euskaltegiak uzten dizkion ordu eta tarte libre guztiak baliatzen ditu herri batetik bestera ibiltzeko. Ostiral arratsaldean, bazkaldu ondoren, Baionako Euskal Erakustetxea ikustera joatekoa da, euskaltegian egin dituen bi lagun argentinarrekin batera. Mutil argentinarrek Karlos eta Aurelio izena dute. Euskaldunen semeak dira eta euskalduntzat hartzen duten euren burua. Akirak ez du arbaso euskaldunik, baina, hala eta guztiz ere, argentinarrek bezain ongi egiten du euskaraz. Eta harro dago, bera ere, gustura baitago euskaldunen artean, eta dagoeneko, bere burua erdi euskalduntzat hartzen duelako. Astea ziztu batean igaro zen, eta ostirala iristean, bazkaldu ondoren, Akirak autoa hartu eta lagun argentinarrekin batera, Lapurdirako bideari lotu zitzaion. Arratsaldeko lauetarako Baionako Museoaren ate aurrean zeuden. Sarrera erosteko leihatilara hurbildu eta Akirak, bere euskara garbiena erabiliz, txartelak eskatu zituen: - Agatsalde on! Higu sagera emanen dizkidazu otoi. Sarrera-saltzaileak, harridura aurpegiaz begiratu zion txintik esan gabe. Horretaz konturaturik, eta bere soinu ekialdearrari langilearen harridura aurpegia egotziz galdera errepikatu zion R letra gogor, euskaldunon modura, ahoskatuz: - Hirru sarrera emanen dizkidazu otoi. Eta oraingoan bai, oraingoan museoko langileak ahoa zabaldu zuen Akira euskaltzaleari erantzuteko. - Pardonnez-moi monsieur, mais je ne parle pas le japonais! ALTZATEKO JAUNAREN IRRINTZIA Ziburuko kolejioko ikasleen artean besta giroa dabil. Azken txanpa eta udako oporraldi luzea gertu daukate. Ikasturte gogorra izan da, baina orain, bakar-bakarrik, azkeneko egunak falta direnean, iraganaren kontua dirudi. Eta egian erran behar badugu, horrelaxe da, ikasturtea amaitzeko zorian baitago. Hori dela eta, kolejioko neska-mutil talde bat txango bat ari da prestatzen oporraldiko lehen asterako. Osora zazpi gazte dira abenturan parte hartuko dutenak. Eta zergatik diogu abentura? Horrelakoa delako. Iban gazteak antolatu du dena. Zenbait gurasok Nafarroako Bera herriraino autoz eramanen dituzte eta handik goiti Larrun mendiraino oinez igoko dira, Ibanek ederki asko ezagutzen duen bideari jarraiki. Gailurretik gertu bada harkaitzen arteko leize-zulo handi bat, eta hurbil samar mazela eder bat. Bertan kanpin dendak ezartzeko asmoa daukate. Plan mundiala. Abentura izugarria. Eta iritsi, iritsi zen itxarotako eguna. Ordurako, gure gazteek liburuak eta zakuak ongitxo gordeta zituzten, eta egia erran, aski ahantzirik. Igande goiza zen. Eguzki ederra zeruan. Hiru gurasok gidatutako autoetan kargatu zuten dena eta Ibardineko lepotik barrena Bera alderantz abiatu ziren. Iban donibandarraren aitak lehen autoa gidatzen zuen, eta Ibanekin batera Panpi azkaindarra zihoan. Txipitatik izan dira lagunak, Donibane Lohizuneko ama-ikastolan elkarrekin ikasi zuten garaietatik, hain zuzen. Bigarren autoan Mirentxu eta Elorri ahizpa urruñarrak eta Maitena senpertarra zihoazen. Lehenaren amak gidatzen zuen. Eta hirugarrenean Eñaut eta Julen hendaiarrak. Eñauten aitak zeraman autoa. Oren erdi batez Berako sarreran, barojatarren Itzea (garai batean Altzate deitu izan zena) etxetzarraren parean zeuden. Ezkerretara jo, Altzateko plaza eder eta loretsua zeharkatu eta Lizuniagako leporantz doan errepidetik barrena jarraitu zuten. Handik zazpi bat minututara, errepidearen ezker aldean, Iratxeko Berea landa-etxera daraman bide estu eta ozpel batetik sartu ziren, eta hortik barrena, emeki-emeki, beste zazpi minututan, aipatutako baserriraino goititu ziren. Bazter hura guztiz berdea eta egutera zen. Huraxe zen txangoaren lehen pausa. - Aupa neska-mutilak, iritsi gara! –esan zuen Ibanen aitak baserriaren parean autoa aparkatuz. Beste bi autoetako gidariek gauza bera egin zuten. Gero, gazteek, gurasoen laguntzaz, zakuak, kanpin dendak, poltsak eta bestelako hornigaiak autoetako fardel-ontzietatik atera zituzten. Ohiko pot eta agurren ondoren, zakuak, poltsak eta bestelako zamak bizkar gainean jarri eta aurrean zeukaten bidexkari oinez egiteari ekin zioten. - Kasu! Kontuz ibili! erranez agurtu zen gazteez Mirentxu eta Elorriren ama. - Ongi pasa! –gehitu zuten gero, hiru gurasoek ia batera. Bidea pettarra bezain ederra zen. Oren bat eta erdi inguru behar izan zuten goialdeko harkaitz zurietara iristeko, eta gero aipaturiko harkaitzetatik hur samar zegoen belazean ezarri zituzten kanpin dendak. Hiruak elkarren ondoan altxatu zituzten. Ordurako tripa-zorriak hasita ziren kantari. Ibanek eta Panpik harri koxkorrak xerkatu zituzten inguruetan eta horien bidez sutondo ederra paratu. Bertan berotu zuten geroxeago bazkaria zazpi lagun gosetuek. Dena goxoa zen, edo, bederen,horrela iruditu zitzaien gazteei. Gero, bazkalondoko solasak etorri ziren. - Eta zer diok Iban, aipatu higun leize-zuloaz? Hurbil al dago? –galde egin zion Eñaut hendaiarrak. - Bai, egia! Hurbil al dago? –besteek batera. - Bai horixe! Hor aitzinean daukagun harkaitz zuri handi horren gibelean. Nahi duzuelarik ikustera joanen gara. Bazkaltzeko lanabesak eta tresnak garbitu eta jaso ondoren, harkaitz zurirantz abiatu ziren. Hurbil samar zegoenez, ez ziren gehiegi nekatu harkaitzerainoko bidea egitean. Nonahi, bai kanpin dendak josi zituzten belar-soroan eta baita harkaitzen artean ere, harri pila bitxiak ikus zitzaketen. - Eta nork egin ditu harri pila hauek? –galdetu zuen Elorri pinpirinak. - Ene irudikoz, artzainek. –erantzun zion Ibanek– Ez nago oso ziur, baina uste dut Jainkoak eta Ama Birjinak ezbeharretan emandako laguntzak eskertzeko eginak direla. Bazter hauek erakutsi zizkidan osaba Mixelek kontatu zidanez, haizea altxatzen delarik, harrien arteko zirrikituetatik barna iragaiten da eta txistu moduko otoitza zabaltzen du. Ibanek emandako azalpenen aurrean inork ez zuen txintik ere erran. Leize-zuloko ahora sartu ziren. - Hau beldurgarria da! –bota zuen Maitenak– Ez gaitezen barrura sartu, otoi! - Ixo Maitane. Ez hasi hire beldurrekin, beti berdin hago eta! –Maritxuk. - Bai, egia dun! –Elorrik– Lehengoan ere, azterketa egiten ari ginela, beldur galanta pasatu huen nik eman ninan txuleta zela eta. Maitenak ez zuen deus erantzun, oroitzapen txar haiek ere kikiltzen baitzuten. - Papertxo hartan azterketa gainditzeko behar genituen formulak zeudenan. Hire azterketan idatzi eta Maritxuri pasa, besterik ez huen egin behar. Aisa zunan, eta hala eta guztiz ere…. Horrekin ere kaka eginda ibili hintzen –Elorrik– Eta okerrena izan zunan Beñat irakaslea hurbildu zitzainanean. Ikaragarri urduritu hintzen. Nire aitatxiren baratzeko tomateak baino gorriago jarri hintzen. Eta gero…, eta gero… –jarraitu zuen espantu handiz Elorrik– txuleta jan egin huen. - Zendako egin huen halako pitokeria? –Maritxuk, haserre antzera– Hiregatik formularik gabe gelditu nindunan, eta irakasleak zero patatero bat ezarri zidanen azterketan. Ederra egin huen!! ! - Aizan Elorri, dena ez zunan ene falta izan –Maitenak, amorru handiz zabalduz– Kontatu dunan guztia egia dun. Txuleta jan ninan irakasleak harrapa ez nintzan. Zer nahi huen, bada, irakasleak txuletarekin harrapatzea, ala? Eta gainera, berehalaxe leporatzen didan hire zeroaren errua. Ziur aski, ez huen deus ikasi. Bestela, formularik gabe ere, zer edo zer gehiago eginen hukeen. - Bai Maitena, egia aitortu behar badinat, bezperan ez ninan aunitz ikasi. Hilekoa ukan nuen. Baina txuletako formularik gabe ez ninan deus egin ahal izan, eta hori bai dela hire falta. - Zaudete isilik, neskak! –Ibanek, eskuan linterna pizturik zuela– eta goazen barrura! Erran eta egin. Ibanek bidea argitzen zuen linternaz, eta horrela hogei bat metro egin ondoren, areto biribil batera iritsi ziren. Zabala zen, hogeita hamar metro karratu ingurukoa. Hormetan hiruzpalau sarrera gehiago ikus zitezkeen. Ordurako, zenbait lagun artega samar zeuden. - Eta linternaren pilak akitzen badira? –Bota zuen Julenek. - Egia, egia! –Elorrik– Ez gaitezen barrurago sar, otoi! - Ez!, –Ibanek– barrurago ez gara sartuko. Kilometro eta kilometrotako galeriak omen daude. Eta barrurago sartzeko ekipo berezia beharko genuke. –emendatu zuen. - Begira ezazue hemen! –moztu zuen Eñautek, hormetako batean zegoen burdinazko lanabes batez zizelkaturiko marrazkia erakutsiz. Lauburu bat da. Baia hala zen, lauburu ezkerbirakari bat. - Baina ez dago bakarrik! –Ibanek, linterna marrazkira hurbilduz. Ez, Ibanek arrazoia zuen, ez zegoen bakarrik. Eskuin aldean bazegoen A bat zizelkaturik eta haren ondoan borra edo mailu adierazi nahi zuen hirugarren marrazki bat. Zer ote? Horman zizelkaturik ikusitako marrazkiak oraindik gogoan zituztela, kanpo aldera irten ziren. Sartzean utzitako eguzkia ikusi nahi zuten, baina eguzkia ikusi beharrean, itsaso aldetik hurbiltzen ari zitzaizkien hodei beltz-beltzak bistaratu zituzten. - Ene! Ekaitza heldu da! Falta zitzaiguna! –Julenek. Kanpin dendetara iritsi zirenerako, lehen euri tanta lodiak botatzen hasita zen. Kostaldetik haize handia altxatu zen. Hala nola, afaltzeko zituzten ogitartekoak jan eta dendetara sartu ziren babes bila. Haize zirimola handi batek dendak astindu zituen. Barruan, gazteak isilik zeuden, arrunt izututa, zihoakienaren beldur. Haizea gero eta handiagoa zen, euri zaparrada zerratu samarra. Harri piletako zirrikituetatik barna iragaitean, haizeak sortarazten zuen soinuak ez zuen otoitza ematen, infernurako deia baizik. Haizeak gero eta gehiago mugiarazten zituen kanpin dendak. Neska-mutilek indarrez eusten zieten dendetako burdinazko hagei, haizeak kanpin dendak eraman ez zitzan. Halako batean, hiru nesken dendatik oihu handiak entzun ziren. - Zer duzue? –mutilek. - Haizeak gure denda bota du, –Maitanek– eta ez dugu deus egiten ahal berriro zutik jartzeko. - Gu ere biziki gaizki gaude. –Eñautek– Haizeak fite botako du gure denda. - Gu ere antzekoz gaude. –Ibanek– Onena izanen da dendak uztea eta leize-zulora joatea. Han babesa eta goxotasuna ukanen ditugu ekaitza atertu bitartean. - Ados! –beste guztiek batera. - Baina Iban, ez ezak linterna ahantzi. –Elorrik, arras izuturik. - Hartu xirak eta goazen, bada! –Ibanek. Zazpi gazteak, erorita edo erdi erorita zeuden dendetatik, ahal bezala atera eta korrika egiteari ekin zioten haize zirimola eta euri erasoa desafiatuz. Korrika eta lasterka, behin eta berriro eroriz eta behin eta berriro jaikiz, Ibanen linternak markatutako bideari segitu zioten. Azkenean, blai eginda, leize-zuloko ahora iritsi ziren. - Goazen barrura! Fite! –Ibanek, leize-zuloko ahoa linternaz argituz. Arrapaladan sartu ziren eta sarrera hartara ere, euria trumilka sartzen zela ikusterakoan, areto biribilera zeraman korridore estutik barrena sartu ziren. Bide erdia egina zutenean, areto biribiletik su baten argitasuna sumatu zuten. Zazpi gazteak galtzetan kaka eginda zeuden. - Zer eginen dugu orain? –bota zuen Ibanek, ikara musuan nabarmen zuela. Ahots ezezagun eta sendo batek erantzun zion atzeko aldetik. - Zer eginen duzue, bada, neska-mutilak? Aitzina segi! Bertzenaz, birikeriak harrapatuko zaituzte. Segi, segi aitzina! –erran zien aurkakorik onartuko ez zuen gizonezko ahots sendo batez. Gazteek, fitsik erran gabe, ahotsa sortu zen aldera begiratu zuten, isilik, ikara ezin ezkutatuz. Eta atorra beltz eta galtza zabal ilun batez jantziriko gizona ikusi zuten. Berrogeita hamabortz urte ingurukoa zirudien. Gizon garaia zen, kaskazuria, bizar zuri handi baten jabe. Oinetan abarkak zeramatzan jantzirik, eta eskuineko eskuan borra edo mailu itxura zuen burdinazko erreminta. Gazteek aurrera jarraitu zuten, areto biribilerantz. Hara iristean, erdian piztutako su baten inguruan eserita bortz neska-mutil ikusi zituzten. Lapurtar gazteen eta gizon bizardunaren etorreraz oharturik, altxatu ziren eta sartu berriak agurtu zituzten. - Gau on lagunak! Nor zarete? Gu beratarrak gara. Larrunen itzuli bat ari ginen egiten ustekabeko ekaitzak harrapatu gaituenean. Eskerrak leize-zulo hau hurbil genuela bertzenaz… –erran zuen mutiletako batek. Hori entzutean, Ibanek arrapostua eman zion: - Gu lapurtarrak gara, aste bat Larrunen pasatzera etorriak. Aldameneko belardian ezarri ditugu kanpin dendak, baina haizeak bota dituenez gero, hona jin gara babes xerka. - Eta zu? –galdetu zion mutil beratarrak borra eskuan zeraman gizonari. - Nire izenak ez dizue deus erranen. Hemen bizi naiz, Larrunen, eta zuek bezala, aterpe bila sartu naiz leize-zulo honetara. –gizonak. - Eser zaitezte! –gonbidatu zituen mutil beratarrak– Eseri, eseri! –errepikatu zuen. Denak suaren inguruan eseri ziren berotasuna bilatuz. Goxoa zen. Berako neska batek ogia, txorizoa eta ardo zahatoa atera, eskaini eta partitu zituen eserita zeuden guztien artean. Inork ez zion eskaintzari uko egin, eta zahatoa eskuz esku eta ahoz aho dantzan ibili zen hezurretaraino bustirik ziren lagun haien eztarrien goxagarri. Denbora igaro ahala, suak inguruan bildutakoen arropak idortu zituen eta ardoak beraien mihiak alaitu. - Gaua hemen, suaren inguruan, pasatu beharko dugunez gero, onena dugu istorioak kontatzea. Horrek lagunduko digu gaua hobeto ematen. Eta erratetik kontatzera pasatu zen. - Lehen erran dizuegun bezala, gu beratarrak gara. Eta gure herria eta Larrun mendia lotzen dituen kondaira zahar bat kontatuko dizuet. Hagitz garai zaharretan, beratarrak jentilak ziren eta euskal jainko-jainkosak gurtzen zituzten. Baina, behin, beltzez jantzitako apaizak azaldu ziren herrian. Hauek soldaduak eta borreroak ekarri zituzten, eliza eta kaperak eraiki, eta beratarrak, ezinbertzean, kristautu ziren. Denak Altzate jauregiko jaun zaharra izan ezik. Honek itzal handia zuen herrian, eta hori dela eta, apaizak ez ziren berarekin sartu egiten. Egun batean, Altzateko Jauna hil zela zabaldu zen. Haren lagun fidelek hil-kutxa handi batean sartu eta errito zaharrei jarraituz ehortzi zuten leku sekretu batean. - Baina apaizek horrela zabaldu bazuten ere, Arbelaitz izeneko zerbitzari fidelak hagitz bertzelakoa kontatu zuen. Altzateko Jauna ez zegoen hilik, herritik Larrun mendira alde egina baizik. Beran arras nazkaturik zegoen apaizekin eta haien jarraitzaileekin, eta Larrunera bizitzera aldatu zen. Abiatu aurretik, itzultzeko hitza eman zuen, eta itzultzean, eskuan zeraman borraz beltzez jantzitako labezomorroak akabatzeko eta bai Bera eta bai Euskal Herri osoa fede berriaren morroiek inposaturiko zapalketatik askatzeko asmoa azaldu. Inoiz gehiago ez zen Berara itzuli. Dena den, beratar aunitzek ikusi omen dute ekaitz handiko egunetan Larrundik Bera aldera begiratzen, eta eskuan daraman burdinazko borra airean astintzen. Hori entzutean, su inguruan zeuden gazte guztien begiek gizon bizardunak eskuan zeukan borra itxurako erremintari begiratu zioten. Gizonak, horretaz konturaturik, besoa altxatu eta borra airean astindu zuen. Inork ez zuen deus erran. - A bai! –Eñaut hendaiarrak, isiltasun hura moztuz– Nik irakurri dut zerbait Altzateko Jaunaz. Euskara irakasleak Pio Barojaren liburu baten euskarazko itzulpena agindu zigun irakur genezan. Biziki polita zen. - Eta laburra. –gehitu zuen Julenek. Gaztearen burutazioa entzutean, denek barre ozena egin zuten. Kar, kar, kar! Kar, kar, kar! Berako beste mutil batek hitza hartu zuen. - Eta ezagutzen al duzue Xabier Letek Altzateko Jaunari egindako kantua? Lapurtarrek buruaz eman zioten ezetza, eta orduan neska-mutil beratarrek kantatzeari ekin zioten batera: Altzateko Jaun hor zaude nonbait, zure lurrera itzultzeko zai. Gure izatearen testigu zuzena, makurtu gabeko zuhaitz lerdena, desertuko haizeak legortu ez zuen lorea, itsasoaren kolorea hor zaude zu! Hamasei salbe, hamalau kredo, erderaz entzunagatik, bazenekizun hori ez zela sekulan guretzat egin. Urrezko dukate eta dirua ez dira engainu txarrak, alde batera apartatzeko lehengo sinismen zaharrak. Merkatarien aldamenera, amildegian, goitik behera, ohar gabean eroriko gera, baina guztiok jakin dezagun bidea nondik dijoan. Altzateko Jaun, hor zaude zu! Bide batetik, okertu gabe, esan dezagun bertsoa, ixil-ixilik kanta ditzagun euskaldunen sekretuak. Herri zahar baten oharpen haiek nola ditugun galduak, zenbat itxura alda lezazke eguna hil zuen gauak. Bidasoaren ezker-eskuin, udaberrian lore gorriak, ixilitako ur izkutuak. Mendetan zehar kantu lagunak noizbait latinez lurperatuak, laster berpiztu behar duguna! Larrun gainean sorginen dantzak, nabaitzen ditut arratsaldean; lurrak badaki kontu hoien berri. Eta hor dago ixil ixilik. Altzateko Jaun hor zaude nonbait, zure lurrera itzultzeko zai. Kantuaren azken hitzak entzutean, gizona altxatu zen eta ezkerreko horman zizelkaturiko marrazkia seinalatu zuen. Gero, eskuineko eskua altxatu eta borra astindu zuen airean. Ez zuen deus erran, baina irrintzi bortitz luze batez leize-zuloko isiltasuna urratu zuen: - Aiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiiiiiiiiiii!! ! Momentu hartan, leize-zulora zetorren haize pufada batek sua itzali zuen, areto biribila iluntasunean utziz. Kanpoan ekaitzak jarraitzen zuen bere indar oroz.. Trumoi danbatekoak eta haize pufada ikaragarri handiak entzuten ziren. Tarteka, tximista baten argia leize-zuloko areto biribileraino iristen zen apal, indargabe. Horietako batean, probestu zuen Ibanek xirako sakelan gorderik zuen linterna ateratzeko. Eta, berriro ere, argitasuna egin zen areto hartan. Neska-mutilak, bai lapurtarrak eta bai beratarrak ere, altxatu ziren. Denak hunkiturik zeuden. Haien begiek, urduri, gizona eta borra bilatzen zituzten, baina alferrik! ez baitzeuden areto hartan. Sua berriro piztu zuten, eta bere inguruan, elkarren ondoan eserita, gaua eman zuten. Goizaldeko lehen argi printzekin batera irten ziren leize-zulotik. Ordurako ateri zen. Kanpin dendak ezarri zituzten belar-sorora joan eta gauean zehar haizeak egindako triskantzak ikusi. Beratarrek lapurtarrei gauzak biltzen eta jasotzen lagundu zieten. Gero, denek batera, itzulbideari ekin zioten. Beherantz zihoazela, neska beratarretako batek Xabier Leteren bertsoak kantatzeari ekin zion, eztiki. Besteek miresgarritasun handiz entzuten zioten. Altzateko Jaun hor zaude nonbait, zure lurrera itzultzeko zai. Azken bertsoarekin batera, irrintzi ozen luze salbaia entzun zuten. - Aiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiiiiiiiiiii!! ! Burua biratu eta goi aldera begiratu zuten. Han goian, harkaitz zuri zorrotzaren gainean, zutik, eskuan zeukan borra airean astinduz, gauean ezagututako gizon bizarduna zegoen. Irrintzia amaitzean, harkaitzetik jaitsi eta gazteen begiendako desagertu zen. AXULAR HANDIAREN HOBIAN “Oren guziek dute gizona kolpatzen azkenekoak du hobirat egortzen” Horrela irakur daiteke Sarako kanpandorrean idatziriko testuan eta tradizioak dioenez, Axular berak idatzitakoa da. Egia izan ala ez, gauza da ez zaiola arrazoirik falta hor emandako mezuari, eta eliza inguratuz dagoen hilerria ikusita, guttiago oraindik, horko hilarri lauburudunen azpian ehortzitakoek mezuaren egiatasunaren lekuko isila ematen baitigute. Axular handiaren hilobia eliza barruan dago, aldare aldean, eta lurreko harlauzan idatzirik dagoen testuak honela ziurtatzen digu. Askotan egon naiz Sarako elizan, Axularren hilobiaren aitzinean eta beti nire barneko gogoetek XVII. mendera eraman naute, Axularren inguruko Sarako idazleen eskola famatu haren garaira. Nire begiek ezin izan dute garai zahar haietako lekuak, pertsonak eta gertaerak ikusi, baina nire gogoetek bai. Eta Sarako elizaren gela batean, mahai biribil baten inguruan jarririk, ikusi izan ditut Urdazubiko seme handia zen Axular, Sarako erretore ospetsua, eta bere inguruan, ezker-eskuin eserita, beste apez idazle lagunak: Joanes Etxeberri Ziburukoa, Argaiñarats, Gillentena, Haranburu, Haraneder, Hirigoiti, Materre, Pouvreau eta Voltoire. Axularrek, bere itzal handiaz eta bere ahots dotoreaz bilkura zuzentzen zuen. Axularren itzala aipatu dudanez, kontatu egingo dizuet orain, behin, Lapurdiko apez batek honi buruz kontatu zidana. Axular handiak eta beste bi apez lagunek, Azkainekoa bata eta Senperekoa bestea, deabruaren eskolan ikasi behar zutela erabaki zuten. Deabruak baietz esan zien, erakutsiko ziela, baldin eta eskola bukatzean, hiruretako bat berarekin gelditzen bazen betiko. Hiru apezek baldintza onartu ondoren, deabruaren eskolan ikasteari ekin zioten. Osora, urtebete eta egun bat egin zuten eskola hartan, Sara eta Urdazubiren artean kokaturiko leize-zulo batean alegia. Urtea eta egun bat bete ondoren, deabrua hitz egitera joan zitzaien: “Errandako denbora bukatu da. Tenorea da zuen hitza bete dezazuen!” Axular handiak baietz erantzun zion, emandako hitza betetzeko prest zeudela. Axularrek Azkaineko apezari aurretik irteteko eskatu zion, leize-zulo hartatik kanpora joateko, eta ondoren, bere atzetik Senperekoari, eta azkenik, bera. Deabruak, jarritako baldintza oroitu nahian, galde egin zien: Zuetako nor da orain nirea? Eta Axularrek erantzun: Har ezazu nire gibeletik heldu dena! Deabruak atzaparra luzatu eta ateratzeko zen azkena harrapatu zuen, zer harrapatu eta... Axularren itzala! Hori dela eta, handik aurrera Axular itzalik gabeko gizona izan zen. Baina, badirudi hau ez dela Axularrek deabruarekin izandako pasadizo bakarra, nire apez lagunak beste hau ere kontatu baitzidan. Egun batean, Axular bere herrian, hau da Nafarroako Urdazubin, meza eman ondoren, bere amarengana hurbildu eta honela esan omen zion: Ama entzun iezadazu ontsa, gaur Aita Saindua deabruarekin ezkonduko baita! Egun berean, Axular itzala ebatsi zioten deabruen leize-zuloko sarreraraino hurbildu zen eta bertan infernuan zen deabrurik trebeena berarengana ekartzeko eskatu zuen. Prakagorri izeneko deabrua bere aurrera iritsi bezain pronto honela galdetu zion: Zenbat denbora behar duk Erromara joateko? Eta Prakagorrik erantzun: Oren erdia joateko, oren erdia bertan atsedena hartzeko eta beste oren erdia itzultzeko. Osora oren bat eta erdi. Atsekabeturik Axularren honela erantzun zion: Hi ez haiz nik behar dudan deabrua! Orduan, Axularrek beste deabru bat eskatu zuen, lehena aski trebea eta lasterra ez zelakoan. Eta horrela, berehala, Supindar izenekoa ekarri zioten. Galdera bera egin zion Axularrek: Zenbat denboraz eginen duk hik Erromarako joan-jina? Eta Supindarrek ihardetsi: Bortz minutu hara, bortz minutu han atsedena hartzen, eta bortz minutu itzultzeko. Axular piztu zen hau aditzean eta poz-pozik honela erran zion: Hi haiz nik behar dudana. Eta aldamenean zegoen amari begira: Ama, ekar iezadazu nire geruza, Erromara noa eta! Deabruaren bizkarrera igo eta hegaka Erroma aldera abiatu zen. Erromara iritsi eta han ikusi zituzten den-denak, dotore jantzita, eta janariz eta edariz bete mahai eder baten inguruan jarririk. Aita Sainduaren eta Satanen ezteiak ziren. Axularrek, kanpo aldetik atean jo zuen eta ireki zion andreari honela erran zion: Otoi, erraiozu Aia Sainduari mahaia neurtzeko bere kanakaz jakin dezagun zenbat luze eta zenbat zabal duen. Aita sainduak horrela egin omen zuen, eta luzea eta zabala neurtzean gurutze sainduaren seinalea egin behar izan zuenez, bertan zeuden deabru guztiak zerraldo erori ziren, hilik. Bi minutu pasa ondoren, Axular Supindar deabruaren bizkarrera igo eta Urdazubira itzuli zen. Eta oraingoan honela erran omen zion amari: Ama, Orhi mendian elurra ari du! Eta amak, harriturik, honela erantzun: Baina seme, hik ba al dakik non dagoen Orhi mendia? Eta Axular: Bai ama, begira iezaiozu nire geruzari. Ama aho bete hortz gelditu zen elurrez zipriztindutako geruza ikusi zuenean. Geruza zuri-zuria zegoen eta bere semea hain laster horren urrutitik etorrita. Eta hori Axularrek ez ziola inoiz aitortu Erromaraino joana eta itzulia zela. Nire apez lagunak erran zidanez, Axularrek Aita Sainduaren ezteia eragotzi zuenez geroztik, apez guztiak ezkontzeko baimenik gabe gelditu dira. Hori izan omen zen Aita Sainduaren mendekua, eta nire aurrean, kontu-kontari nuen erlijiosoaren aurpegian irakurrita iruditu zitzaidanez, ez omen zuen debeku hau oso gogoko. Duela zenbait urte, Saran izan nintzen, berriro ere, eta beti egin dudan bezala, Axularren hilobira hurbildu nintzen. Eliza ilun-iluna zegoen, oso. Iluna eta bakartia, han ez baitzen arimarik ikusten. Edo behintzat, hori iruditu zitzaidan niri. Ohi bezala, buru belarri nintzen nire gogoetan. Konturatu gabe, eta bakarrik nengoelakoan, ozenki pentsatzen hasi nintzen: Axular, zure hilobitik entzuten badidazu, erraidazu otoi, zure itzala berreskuratu zenuenentz? Eta nire harridurarako, ondoko ilunpeetatik ahots dotore batek erantzun: Axularrez galde egiten baduzu, ez xerkahobi honetan, hemen datzana ez baita Sarako erretore handia! Hagitz aztoraturik ahotsa irtendako tokirantz begiratu nuen eta ilunpeetatik irtenaz apez pottoko bat ikusi nuen. Nor zaitut? –galdetu nion. Ez zaizu axola, Jesukristo gure jaunaren zerbitzari fidel bat, bertzerik ez duzu jakin behar –ihardetsi zidan lapurtera zaharkitu batez. Eta nor da orduan hobi honetan datzana? –galdetu nion harridura handiz– Herrian hilik aurkitutako eskale ezezagun bat! –apez pottokoak erantzun. Zer pentsa ez nekiela gelditu nintzen, eta orduan apezak honela kontatu zidan. Urdazubi eta Sara artean bada leize-zulo sakon bat eta oraingoz inork ez daki noraino iristen den. Batzuek diotenez, hortxe dago lurra eta zerua lotzen dituen zubi magiko miresgarria. Hortik igarotzen dena ez da hiltzen, beste mundura, hil gabe, bizirik iristen baita. Axular eta bere lagunek bazuten zubi honen berri eta behin bilkura batean zeudela hortik pasatzeko aukera zozketatu zuten beraien artean. Zozketan Axular izan zen irabazle. Eta horrela, ilunabar batean, Sarako eskolako apezak zubi miresgarrirantz abiatu ziren. Leize-zuloan sartu, eta kriseilu baten argiaren laguntzaz zenbait oren egin ondoren, zubiraino iritsi ziren. Estua zen oso, eta hondorik gabeko amildegi baten gainean zegoen zintzilikaturik. Axular bere lagunez agurtu eta aurrera joan zen. Zubia zeharkatu ondoren beste aldeko iluntasunean galdu zen. Axularrek, abiatu aurretik, hitz eman zien bere lagunei itzuliko zela, beste aldean, beste munduan, zeruan alegia, zer zegoen kontatzeko, eta liburu sainduetan kontatzen den bezain onuragarria bazen, berarekin eramateko. Egunak igaro ziren, eta Sarako herritarrak bere erretoreaz galdezka hasi zirenez gero, herrian topatutako eskale baten hilotza hartu, Axularren arropaz jantzi, eta erretorea hilik zegoela zabaldu behar izan zuten. Sarako herriak ohore handiz hobiratu zuen aldare azpiko harlauza hartan. Urteak igaro ziren, eta Axular ez zen inoiz itzuli. Horixe da apez bitxi hark Sarako elizan kontatu zidana. Dena aditu nuenean, ezin izan nintzen gelditu galdetu gabe: Eta nor zara zu hori dena jakiteko? Eta apezak erantzun: Orduz geroztik zain dagoenetako bat. Eta deus gehiago erran gabe, gorputza jiratu eta elizako ilunpeetan galdu zen. Inoiz gehiago ez dut ikusi Sarako elizaren aldare aurrean topaturiko apez pottoko hura. KARTA-BOTATZAILEAREN IGARKIZUNA Gauza jakina da zein estimatua den Erribera aldeko klima lehorra itsasaldekoen artean. Jende askok denboralditxo bat egiten dute Erriberako edozein herritan beraien hezurren mesederako. Badira, noski, urrunago joaten direnak, Benidorm aldera, esate baterako, baina, hala eta guztiz ere, Erribera izaten da kostaldeko euskaldunon artean opor-gunerik preziatuenetakoa. Horietako aunitzek etxetxoren bat izaten dute bertan, bigarren bizitoki gisa, eta hor ematen dute urtero udako oporraldia. Horixe da Pello eta Mari Karmen senar-emazte donostiarren kasua. Donostian badute etxebizitza eder bat Amaraberri auzoan, baina uztaileko berotasunak sumatu orduko, maletak prestatu, autoa hartu, eta bi ordu eta erdiko bidea egin ondoren, Corellako kanpo aldean duten etxetxo moñoñora sartzen dira. Jubilatuak izateak urteroko martxa hori errazten die. Corellako etxetxoan uztail eta abuztuko lehen bi asteak egiten dituzte, donostiar petoak izaki, Donostiako Aste Nagusirako itzultzen baitira. Suzirien festa eta abenidako izozkiak maite dituzte. Eta gainera, ordurako, Erriberako klima ederrak beren erreuma eta artritis guztiak arrunt sendatuta izaten ditu. Horrela indarberriturik, espiritu gazteagoaz ekiten diote Aste Nagusiari. Corellako etxetxoa moñoñoa izateaz gain, aski handixkoa da. Sukalde ongi ekipatua , bi komun, egongela zabala eta lau logela ditu osora. Garai batean, seme-alabekin hasieran, eta bilobekin geroxeago, betetzen zuten, baina jadanik, bakoitzak bere bizitza eginda duenez gero, urteak dira Pellok eta Mari Karmenek udako buelta bakarrik egiten dutela. Aurten beste bi bikote doaz beraiekin. Josetxo eta Loli, eta Pernando eta Tomaxi. Lauak donostiarrak, lauak hirurogeita hamar urte inguruko jubilatuak. Lagun hauek ez dute Erribera ezagutzen eta bere klima osasuntsuaren beharrean doaz. Bikote bakoitzak bere autoa darama. Uztailaren lehen asterako Corellako etxean daude seiak. Eta bigarren asterako Erriberako klimak bere miraria egina du hamaketan etzanda eguzkia hartzen aritzen diren sei jubilatu donostiarren hezurrekin. - Hau dun hau Mari Karmen! Gezurra zirudin, akabo nire erreuma nazkagarri hori! Dagoeneko, nire gazte urtetan baino hobeto nagon! –Lolik, eguzkitarako krema senarraren bizkarrean zabalduz. - Bai neska! Ni ere primeran nagon! –Tomaxik– Aste Nagusiko zezen suzkoen entzierroan ateratzeko moduan. - Ixo. Ixo neska! Ez al zara gogoratzen, joan den urteko entzierroan takoi bat hautsi zitzaizula eta Groseko Joan Mari herrena baino okerrago ibili zinela? A zer piura! –Pernando senarrak. - Kar, kar, kar….! –beste guztiek. - Ixo Pernando! Zu eta zure ateraldiak! Den-dena ez duzu kontatu behar, senar-emazteen arteko sekretuak dira. - Kar, kar, kar…! –beste guztiek, berriro ere. - Txantxak alde batera utzita. –Lolik– Tomaxik arrazoia du. Bi aste eskas egin ditugu Corellan eta dagoeneko erromeria batera joateko moduan gaude denok. - Ados. –Pernandok– Baina erromeriara baldin bagoaz, espartinekin joango gara, ez takoiko zapata dotoreekin, ez al da Loli? - Babo alaena, beti nirekin sartu behar! Zer duzu orain nire zapaten kontra? –Lolik, hamakatik erdi altxatuta. - Kar, kar, kar….! –denek. - Eguzkitan aspertzen hasita nago, egun guztia etzanda. San Bartolomeko murruko sugandilak ematen dugu.–Pello anfitrioiak– Eta zergatik ez goaz inguruetako herri batera paseo bat egitera? - Oraintxe esan duk egia! –Josetxo lagunak– Atzo, herriko igeritokian nengoela herriko ezagun batek Zintruenigon karta-botatzaile famatu bat badela aipatu zidaan. Dena igartzen omen dik, baita neskazahar porrokatuenaren benetako adina ere! Zergatik ez goaz berarengana? Eska diezaiogun gure etorkizuna iragar diezagula. - Eneee! Ez da egia izango! –Tomaxik, arrunt interesaturik– aspaldian nenbilen halako baten atzetik. Duela hamabost bat urte Gaintxurizketako Ramonirengana joan nintzen arazo bat nuelako eta den-dena igarri zidan. - Eta atrebentzia ez badun, zer arazo huen sorgin horrengana joateko? –Lolik. - Erne! Neurtu itzan hire hitzak. Ramoni ez zunan sorgina, karta-botatzailea baizik. Garai hartan arras kezkatuta nenbilen gure seme txikienarekin, hau da, Xabiertxorekin. Hogeita hamabi urte zituen ordurako eta ez zen neskekin ibiltzen. Beti parranda gora eta parranda behera. Beldur nintzen… badakizue… Beste espaloikoa ote zen jakin nahi nuen. –Tomaxik, azaldutako azken hitzek pixka bat lotsaturik. - Baina neska, hori dena gaur oso normala dun. –Lolik. - Bai, bazekinat, baina garai hartan ez zunan horren normala. –Tomaxik. - Eta azkenean, zer esan zizun karta-botatzaile hark? –Pellok, jakin-minez. - Bada, urte berean neska batekin ezkonduko zela! –Tomaxik, ahotsaren intentsitatea jaitsiz– Eta horrela izan zen. Urte berean ezkondu zen penaltiz. - Arrazoia dun Tomaxi. Nik aspaldian entzun dinat Zintruenigoko sorgin edo karta-botatzaile horren berri. Izugarri famatzen diten. Berarengana joatea ez dun bat ere ideia txarra. –Mari Karmenek. Handik ordu erdira Zintruenigoko bidean zeuden. Herrira iritsi, bertakoei galdetu eta eliza ondoko etxeetako batean bizi zela erantzun zieten. Erantzuna jaso orduko karta-botatzailearen ateko txirrina jotzen ari ziren. Txirrin, txirrin…! Lucia Bermejo. Echadora de cartas. Adivinadora zioen ate ondoko plakak. Handik minutu batera adineko andre batek atea zabaldu zien. - Arratsalde on! - Bai, eta zuri ere! –erantzun zioten sei jubilatuek batera. - Zu al zara Zintruenigoko karta-botatzailea? –galde egin zion Mari Karmenek sei jubilatuen izenean. - Bai, nik dakidala, Zintruenigon dagoen karta-botatzaile bakarra nauzue. Zer nahi duzue? - Etorkizuna irakur eta iragar diezaguzula! –Lolik. - Aurrera, aurrera! Pasa zaitezte itxaron-gelara, beste bezero batekin nago-eta. Hor pareta horretan dituzue adierazita bai zerbitzuak eta bai prezioak. Aukera itzazue txanda itxoiten duzuen bitartean. Eta besterik esan gabe, itxaro-gela zabal batera eraman zituen. Gero, aurreko gelan zeukan bulegora sartu zen jubilatuak esperoan utziz. Itxaron-gela zabal samarra zen, era guztietako objektu esoterikoz apaindua. Baziren bi hontz disekatu begiak zabal-zabalik zituztenak, sorginez eta munstroz betetako posterrak horma guztietan, eta gela erdian kokaturiko mahai biribilean igartzeko kristalezko bola horietako bat. Ate ondoan, hormatik eskegita, zerbitzu eta prezioen orria zegoen. Tomaxik ozenki irakurtzeari ekin zion gainerako lagunek ongi entzun ziezaioten: Banakako zerbitzuak: - Bost kartako irakurketa ……………………….. 25 euro - Bederatzi kartako irakurketa …………………… 30 euro - Joko handia …………………………………….. 35 euro - Ijitoen irakurketa ……………………………..... 35 euro - Laukia ………………………………………….. 40 euro Taldekako zerbitzuak: - Irakurketa xumea ……………………………… 30 euro - Gurpil handia ………………………………….. 40 euro - Ene! –Mari Karmenek, prezioekin ikaratuta– Hau da Arzaken jatetxean afaltzea baino garestiagoa! - Egia! –Lolik– Onena dugu sorginaren kontua bertan behera uztea eta beste nonbaitera joatea. Bestela, hemen larrutuko gaituzte. - Mesedez, ez zaitezte koldarrak izan. Eska dezagun irakurketa xume bat talde osoarentzat eta kitto. Bosna euro, besterik ez dugu ordaindu beharko. –Tomaxik, temati. - Orain zer galdetu nahi dion hik sorgin honi? Xabiertxoren espaloiaz kezkaturik al hago oraindik ere? –Lolik. - Txorakeriarik ez esan. Gure Xabiertxo gizon osoa dun, pirata xamarra, onartzen dinat, baina gizon osoa. Ezkonduta egon zen hiru urteetan bi ume egin zizkionan emazteari, eta orain bizi-alargun badun ere, lorez lore ibiltzen dun, gaur batekin eta bihar bestearekin. Ez din atsedenik ematen. –Lolik, erdi haserre Tomaxik egindako galderaz. - Ixo, ixo denak! –Pellok, oilategiko karaka isildu nahian– Tomaxik arrazoia du. Honaino etorri bagara ezin dugu orain alde egin ezer eskatu gabe. Oso itsusia litzateke. Eska diezaiogun talde irakurketa xume bat, eta gero joan gaitezen Tutera aldera otordu eder bat egitera. - Ados! –denek. Horrela ari zirela, itxaron-gelako atea zabaldu zen eta karta-botatzailea agertu. - Zatozte mesedez! –esan zien. Eta sei lagunen koadrila atzetik joan zitzaion deus esan gabe. Bulegora sartu zituen eta mahai biribil baten inguruan eser arazi ondoren, galde egin zien: - Zer nahi duzue nik egitea? - Talde irakurketa xume bat, mesedez. –Mari Karmenek, denen izenean. - Zuek ez zarete hemengoak? –igarleak. - Ez, donostiarrak gara. –Lolik– Oporrak pasatzen ari gara Zintruenigon eta lagun baten ahotik jakin dugu zutaz eta zure jardueraz. Animatu gara eta hemen gaituzu. Etorkizuna irakurriko al diguzu? Gehiago esan gabe, igarleak kartak botatzeari eta irakurtzeari ekin zion: - Denak jubilatuak zarete eta erreumak eta artritisak jota zaudetenez gero, hona etorri zarete klima lehor baten bila. - Bai azkarra! Hori dena begi bistakoa da. Horrela itsu batek ere irakur dezake! –Pernandok, guztiz sinesgaitz. - Ixo, ixo Pernando! –Lolik, Mari Karmenek eta Tomaxik batera– Utziozu bere lana egiten. - Hiru bikote zarete. –jarraitu zuen igarleak– Pozik bizi zarete zuen herrian. Bizimodua egina duzue eta Zintruenigon oso ongi pasatzen ari zarete. Hurrengo hilabetean zuen herriko festetara joateko irrikitan zaudete. - Nork esan dio hori! –Pernandok. - Ixo, ixo Pernando! –Lolik, Mari Karmenek eta Tomaxik berriro batera. - Baina… –igarleak, bere hitzak bukatu gabe utziz. - Baina, zer? –galdetu zioten jubilatuek. - Oraindino ez zaitezte zuen herrira itzuli. Zuen atzetik itzal bat ikusten dut. Herioren itzala. –esan zien urkatu baten irudia zuen karta erakutsiz. - Halakorik ez esan guri e! –Tomaxik, biziki beldurtuta. - Ez, oraindino ez itzuli. Bestela, galduko zarete betiko. Herio zelatan daukazue sega eskuan duela, eta itzultzen bazarete zaaaas! Segaz moztuko du zuen bizia. –karta-irakurtzaileak. - Eta zer egin dezakegu? –jubilatuek, biziki ikaraturik. - Irtenbide bakarra daukazue. Joan zaitezte Uxueko Ama Birjinarengana eta eskaiozue bertako apaizari haren bedeinkapena. Hori egin gabe, ez zaitezte zuen herrira itzuli. Eta orain, mugi zaitezte berandu baino lehen. Jubilatuen aldetik inork ez zuen deus gehiago galdetu. Isiltasuna egin zen nagusi karta-botatzailearen bulego hartan. - Zerbait gehiago nahi? - Ez, ez.! –jubilatuek. - Orduan hogeita hamar euro. Jubilatuek eskatutakoa ordaindu eta burumakur atera ziren kalera. - Eta orain zer? Tuterara al goaz otordua egitera? –Pellok. - Ixo, ixo! Ez al diozu sorginari entzun? Herioren itzala gure atzetik dabilkigu. Goazen Uxuera eta korrika gainera! –Mari Karmenek, beste guztiak bezain izututa zegoela. - Uxueraino! Tokitan dago! Erriberri aldean! –Pellok. Beste inork ez zion Pellori erantzun. Autoetan sartu eta txintik esan gabe, Uxuerako norabidea hartu zuten. Hiru ordu laurden geroxeago Uxueko elizaren aurrean zeuden. Sakristia bilatu zuten eta ate ondoko txirrina jo. Txirrin, txirrin…! Instantean apaiz zahar batek atea zabaldu zien. - Arratsalde on! Zer nahi duzue? Ezkontza batendako eguna eskatu, agian. - Ez jauna, ez. Zintruenigoko sorginak bidaltzen gaitu hona. Herioren itzala omen daukagu atzetik. Uxueko Ama Birjinaren bedeinkazioa emango al liguke berorrek? –Mari Karmenek. Apaizak, besterik esan gabe, eskua altxatu eta banan-banan sei jubilatuen buruak ukituz honelako otoitza egin zuen: - Uxueko Ama Birjinak libra bitza bekatari hauek Herioren hatzaparretatik.Horrela izan bedi. Amen. Hitz horiek entzutean sei jubilatuek arnasa zabal hartu zuten. Herioren itzala uxatua zen. - Mila esker. Mila esker! –errepikatzen zioten, behin eta berriro, sei jubilatuek. - Mila esker. Jaungoikoak berori bedeinka beza! –Tomaxik, pozaren pozez. - Agur. Beste bat arte! –denek. - Ez dut uste horrelakoetarako gehiagotan etorri beharko duzuenik, nire bedeinkazioa sendoa izan baita. Hirurogei euro zor dizkidazue. –Apaizak jubilatuei eskua zabalik luzatuz. - Eneee! –jubilatuek– Hirurogei euro diozu? - Garestia da gero! –Mari Karmenek, gertatzen ari zitzaiena ezin sinetsiz. - Hau iruzurra! Hauek uste dute Kutxako zuzendariak garela! –Pernandok. - Garestia baina eraginkorra! –Apaizak, aurpegia serio jarriz baina eskua zabalik luzatuta mantenduz. - Izan beharko prezio horrekin! –Josetxok– Aita Santuaren bedeinkazioa baino garestiagoa da! Gure sei lagunek dirua bildu eta apaizari eskura eman zioten. - Tori! - Mila esker eta goraintziak Zintruenigoko karta-botatzaileari. Jainko Handiak eta Uxueko Ama Birjinak bedeinka zaitzatetela! –Apaizak, besoa altxaturik eta jubilatuak berriro bedeinkatzeko nahia erakutsiz. - Ez, ez mesedez! Bedeinkazio gehiagorik ez! –sei lagunek, korrika apaizarengandik urrunduz– Ez dugu gehiago ordaindu nahi!! ! TXIRRINDULARI TREBEAK Harkaitz eta Haritz auzoko lagunak dira. Biak hamasei urteko mutil gazte sendoak dira, aunitzetan elkarrekin jostaketan ibiltzen direnak. Eguberriko oporraldia zela eta, Olentzerok ekarritako bizikleta bana probatzen ari ziren. Horretarako beraien etxea inguratzen duen bidea aukeratu zuten pista gisa. Harkaitzek bira bat egin zuen etxea inguratuz eta ezkaratz aurrean zegoen lagunaren aurrera iristean esku bat manilaretik askatu eta altxatuz honela esan zion: - Begira ezak Haritz, esku bakar batez! - Hi bai txirrindulari trebea! –erantzun zion Haritzek lagunaren akrobaziaz gozatuz. Berehalaxe Haritzen txanda iritsi zen. Honek ibilbide bera egin zuen, hau da, etxea inguratu eta , berriro ere, ezkaratz aurrera itzuli zen.Eta han zain zegoen Harkaitz lagunaren aurrean bi eskuak manilaretik altxatu eta lehiakidearen marka gainditzen zuelako pozik esan zion: - Begira ezak Harkaitz, eskurik gabe! - Hi bai txirrindulari trebea! –erantzun zion Harkaitzek, lagunaren marka gainditzeko zer egin pentsatzen ari zela. Hori buruan zuela, txirringa hartu eta ohiko ibilbidea egiteari ekin zion. Etxe ingurua egin zuen eta ezkaratzera iristean oin bat pedaletik altxatuz han aiduru zen lagunari esan zion: - Begira ezak Haritz, oin bakar batez! - Hi bai txirrindulari trebea! –Haritzek. Haritzek bizikleta hartu eta ohiko ibilbidea egin ondoren ezkaratz aurrera iristean bi oinak altxatu zituen pedaleetatik eta garaipenaren pozaz gainezka honela bota zion esperoan zen lagunari: - Begira ezak Harkaitz, oinik gabe! Eta amorruaren amorruz adiskideak erantzun: - Hi bai txirrindulari trebea! Harkaitzi galtzea ez zitzaion bat ere gustatzen. Harroxko samarra zen eta oraingoan erabateko garaipenaren bila abiatu zen. Etxea inguratu eta ezkaratzera iristean esku bat eta bi oinak libratuz lehiakideari esan zion: - Begira ezak Haritz, esku bakar batez eta oinik gabe! Haritzek, amorrua irentsiz, ohiko erantzunez ihardetsi zion: - Hi bai txirrindulari trebea! Indurain ematen duk! Baina Haritz ez zegoen galtzeko prest. Inola ere ez! Txirringa hartu eta Harkaitz erabat harriturik eta garaiturik utziko zuen akrobazia egiteko prestatu zen. Etxe buelta abiadura handiz egin zuen eta ezkaratzera iristean bi eskuak eta bi oinak libratu zituen. Garaipena berea zen, zalantzarik gabe! Baina une horretan bizikleta okertu egin zitzaion eta espaloiaren izkina batean zegoen trafiko seinalearen kontra jo zuen bete-betean. Txirringa eta guzti lurrera erori zen seko. Baina amorruak bultzaturik eta lehia buruan zuela, segituan jaiki zen eta besoak eta hankak luzatuz, eta halaber, odolez betetako ahoa zabalduz honela esan zion ikaraturik begiratzen zion lagunari: - Begira ezak Harkaitz, hortzik gabe! SHALA JAUREGIKO ANDEREA Donazaharreko kanpo aldean, plazatik hirurehun metrora-edo, Aintzilara doan bidearen eskuin aldean kokaturik, bada jauregi zahar bat, gaur fraideen ondasuna dena. Bertakoek Shala jauregia deitzen diote. Aipaturiko fraideek haur eta gazteentzako aterpe gisa darabilte. Hori dela eta, azken hamarkada hauetan, Shala jauregian, leku eta nazionalitate askotako gazte aunitz izan dira. Urte osoan zehar zabalik badago ere, udaberrian eta uda aldean, hartzen ditu bisitari gehien. Gazteak hogei – hogeita hamar bat lagunez osaturiko taldeetan joaten dira, eta ontsalaz, bizpahiru irakasle izaten dira beraiekin, begirale edota zaindari gisa. Jauregia hiru estaietako eraikina da, ederra eta airosoa, baxenafar jauregien ohiko itxura errektangeluarra duena. Aurrealdean eskailera bat dauka eta leiho ugariz hornitua da. Atzeko aldean, bigarren eskailera bat dugu. Haritz eta pago ederrezko basotxo batez inguraturik dago. Gibel aldean, hamabost metrora-edo, Errobi ibaiaren adarra den Lauribar errekaren erriberak daude. Leku ederragorik! Jauregi eta gaztelu guztiekin gertatzen den bezala, Shala jauregiari buruzko historia eta istorio aunitz korapilatzen dira: garai bateko jaun-andereak, gerrateak, hilketak, amodiozko kontuak eta arima erratuen berri ematen diguten kontakizunak. Bai irakurle, Shalako jauregian ere, badira mamuei buruzko kontakizun lazgarri eta beldurgarriak. Herriko ostatuan, bertako aitatxi batek kontatu zidanez, jauregiko azken anderea gazte gaskoi noble batekin esposatu zen. Mutila noblea izateaz gain, biziki ederra omen zen, eta eskualdeko emakume guztien arretan bereganatu zuen. Shalako Anderea pozik bizi zen bere senarrarekin, baina, tamalez, aurki, haize eta mizto gaiztoak gaskoiaren amodiozko ibileren berri zabaltzen hasi ziren: Hardoiko Margaitarekin besotik helduta ikusia zutela, Jatsuko Maialenarekin ongitxo moldatzen zela, Uharte-Garaziko Ixabel Haiztoirekin musuka zebilela…, eta hamaika horrelako kontu. Hastapenetan, Shalako Andereak horrelako zurrumurruak bekaitzaren ondorioa zirela pentsatu bazuen ere, hiruzpalau urte pasatu ondoren kezkatzen hasi zen. Amak hamaika aldiz errana zion: Lauribar errekak soinu egiten duenean, bada elurra inguruko mendietan. Eta kontu horien ugaritasunak egiazko zerbait azaltzen zuela sinistera iritsia zen. Engoitik (8), senarraren itzal bilakatu zen. Non zen gaskoi ederra, han zen Shalako Anderea. Eta horrela, egiaren jabe egin zen. Zurrumurru horiek guztiak egiazkoak ziren. Ez zegoen eskualde osoan gaskoiarekin lizunkeriatan ibilia ez zen neska gazterik. Eta horrez gain, ba omen zeuden bizpahiru ume iturri garbikoak ez zirenak. Hala eta guztiz ere, okerrena etortzear zen. Neguko hil batean, Iruñetik Pauera zihoan gazte noble batek aterpe eskatu zuen berarentzat eta bere segizioarentzat. Nafarroako erregeak sinatutako gutun bat zekarren bide-agiri gisa. Astebete egin zuten jauregian aterpeturik. Mutil gazteak, bazkaldu eta afaldu Shalako jaun-andereen mahaian egiten zuen, bere nobleziak agindutako usadioari jarraiki. Atsegina zen, gaztetasunak ematen duen edertasunaz jantzia, eta Iruñea aldeko euskara kantariaz mintzo zen. Afalostean kontu-kontari aritzen ziren hiruak beheko suaren inguruan. Gazteak gortearen berriak kontatzen zizkien eta Shalako jaun-andereek atsegin handiz entzuten zioten. Gaueko ordu ilunak labur egiten zitzaizkien halakoetan, baina azkenean, loak errenditzen zituen denak eta ohatzera eramaten. Lehenik, Shalako Anderea izaten zen erretiratzen zena eta ondoren, handik oren zenbaitetara senarra eta gaztea. Horrela zen gauero. Zazpigarren eguneko gauean ber gauza agitu zen. Shalako Anderea bere ohera erretiratu zen areto nagusiko beheko suaren inguruan, gorteko kontuez elestan, senarra eta Iruñeko gazte noblea utzirik. Ohatzean izan zen denbora luze senarraren zain, gau hartan haren faborearen beharra baitzeukan, baina denbora aitzinera zihoan arren, senarra ez zen lo-ganberan agertzen. Eri-edo egon zitekeelakoan, ohetik jaiki eta areto aldera abiatu zen. Han ikusi zuenak odol guztia kiskali zion. Senarra eta gaztea aretoko jarleku luzean etzanda, biluzik, besarkaturik, biak bat eginik, maitasunezko plazerei emanik zeuden. Eskualdeko neskekin izandako kontuak barka ziezazkiokeen, baina mutil harekikoa ez. Amorruz beterik, jelosiak itorik…, horma batean eskegita zegoen alimaleko aizkora hartu, eta bi aldiz pentsatu gabe, deusetaz konturatu gabe estu besarkaturik jarraitzen zuten gizonengana hurbildu, eta di-da azkar batez, gizonezko biak akabatu zituen. Berehala, odol putzu handi bat aretoko zolan zehar barreiatu zen, lurra heriotzaren gorritasunaz tindatuz. Gero, hormetako suzi bat hartuz, su eman zion jauregiari. Soldaduek eta mirabeek ezin izan zuten ezer egin ustekabeko su hura itzaltzeko. Etsipenez, kanpotik ikusi zuten Shalako Anderea leiho batean garrasi bizitan ari zela. Suak kiskali zituen bai jauregia eta bai anderea. Denboraren poderioz, jauregia berreraiki zuten eta jaun-andere berriak txandatu ziren bertan. Dena den, jauregian beti gertatu izan dira ezbehar handiak eta baita hilketak ere. Herritarrek diotenez, usu ikusten omen dute Shalako Anderearen mamua zuriz jantzita, bere soldaduek eta mirabeek azken aldiz ikusi zuten leiho berean eta kanpo aldera begira. Azken hilketa misteriotsua duela bospasei urte gertatu zen. Alemaniatik eskola giristino bateko berrogei bat lagun etorri ziren hamabostaldi bat jauregian iragaitera. Bigarren astean, irakasleetako bat hilik azaldu zen bere ohean. Labain bat zuen bihotzean sarturik. Arazo ekonomiko larriak pasatzen ari omen zen, eta bere buruaz beste egin zuelakoan poliziak ikertzeari utzi zion. Zenbait herritarren aburuz, Shalako Anderearen eskua ez zen hilketa horretatik biziki urrun. 2007ko azaroan, Irungo ikastolatik eta Lezoko institututik elkarrekin joandako ikasle tropel bat aterpetu zen jauregian. Hamabost – hamasei urtetako gazteak ziren gehienak, bizi-biziak, horrelako istoriotan sinisten ez zuten gaztetxoak, parrandak buruan eta telefono mugikorra sakelan, besterik ez zuten neska-mutil moderno horietakoak. Jon, Juanjo, Edu, Imanol eta Joseba irakasleek jauregiko gertakizunez ohartu bazituzten ere, ez zieten inolako jaramonik egin, eta zaharren sineskeriak eta zozokeriak zirelakoan, garrantzirik eman gabe jarraitu zuten euren josketekin. Baina Maider eta Beñat gaztetxoek, irakasleen hitzen gibelean egiazko zerbait egon zitekeelakoan, jauregiko bazter guztiak miatzeari ekin zioten. Shalako Anderearen berri eman ziezaiekeen arrasto bat xerkatzen zuten. Lehen gauean, Maiderrek soinu bat entzun zuen, aldameneko ohean lo seko zegoen Beñat laguna esnatu, eta eskuko linterna baten laguntzaz, soinua entzun zen tokirantz abiatu ziren biak. Korridore luze batera iristean, eskuan suzi bat zeraman andre misteriotsua ikusi zuten. Ederra zen arren, aurpegian tristura handia islatzen zuen. Poliki zebilen. Korridoreko azken atea igarotzerakoan, Maiderrek eta Beñatek begi-bistatik galdu zuten. - Ikusi al duk, Beñat? Hori Shalako Anderea zuan! –Maiderrek, beldurra aurpegian nabarmen zuela. - Zer esaten dun Maider! Hi ere, gure irakasleen antzera, erotzen hasia haiz ala? Hemengo zerbitzarietako bat zunan! –Beñatek, mamuarena ezin sinistuz. - Bai motel, kamisoiaz jantzirik eta suzi bat eskutan! –Maiderrek, Beñatek esandakoari aurre eginez. Hurrengo gauetan ez zuten ezer berezirik entzun edo ikusi. Kamisoi zuriaz jantzitako ustezko zerbitzariaren arrastorik ez. Eta galdetu bazuten ere, inork ez zien zerbitzari misteriotsu haren berririk eman. Jauregian igaro behar zuten azken gauean Maider eta Beñat, gainerako guztiak bezala, lotan ziren. Halako batean, Maiderrek karga handia sumatu zuen bere gainean. Arras ikaraturik esnatu zen, baina zama gainean senti bazezakeen ere, ezin zuen ezer ikusi. Bazirudien pertsona ikusezin bat zegoela bere gainean. Gainetik kentzen ahalegindu zen, baina alferrik. Beldurrez, Beñati dei egin zion: - Beñat, Beñat, esna hadi eta lagun iezadak! - Zer dun Maider, amesgaiztoren bat? - Ez, ez duk hori. Norbait zegoan nire gainean, baina oraintxe, hi iratzartzean, altxatu duk. - Maider, hi erdi zoratuta gelditu haiz kamisoi zuriaz jantzitako zerbitzaria ikusi genuen gau hartatik. - Bai, inork ezagutzen ez duen zerbitzaria, ezta? Halako batean, soinu bat entzun zuten beraien aurrean. Maiderrek linterna piztu eta soinua sortu zen tokia argiztatu zuen. Han zegoen, beraien aurrean, zuriz jantzitako andere misteriotsua. Eskuko keinu batez, haren atzetik joateko agindu zien, eta bi gazteek, pijaman kaka eginda bazeuden ere, atzetik segitu zioten. Lehengo eguneko korridore berberetik barrena eraman zituen eta kanpora atera. Bi gazteek ikaraz eta harriduraz begiratzen zioten. Bihotzeko taupadak azkar eta fite sumatzen zituzten, baina jakin-min ezkutu batek zuriz jantzitako anderearen urratsen atzetik zeramatzan. Etxetik hurbil zegoen basora sartu ziren, beti andereari jarraituz. Bat-batean, anderea goroldioak eta belarrak erdi gorderik zeukaten harlauza baten gainean gelditu zen. Hori egiterakoan, harlauza alde batera lerratu zen eta lur barnera zeraman zurubia agertu. Anderea, txintik esan gabe, barrura sartu zen zeruan zegoen ilargi beteak ematen zuen argitasunaren laguntzaz. Maiderrek eta Beñatek, lipar batez, elkarri begiratu zioten galdezka, eta buruaz egindako baiezko keinuen adostasunez, gibeletik abiatu zitzaizkion, harrizko eskailera hartatik beheiti. Maiderrek eskuan zeraman linternak bidea errazten zien. Zurubi hura luzea zen, kiribildua. Bizpahiru minutu jaisten eman ondoren, ganbera zabal batera iritsi ziren. Erdian, harrizko mahai bat zegoen eta haren gainean burdinazko kutxatila bat. Mahai gibelean, zain eta beraiei begira, zuriz jantzitako anderea zegoen. Maiderrek, beldurra nonbait utzirik, galde egin zion: - Nor zara zu? Eta, zer nahi duzu gutaz? Zuriz jantzitako andereak, oihartzun handia sortzen zuen ahots hotz batez erantzun zien: - Ni Shalako Anderea naiz, jauregi honetako jabea izan zena. Nire senarraren fideltasun-ezak burua zoratu zidan eta bihotza gorrotoz bete. Herrak eraman ninduen bi hilketa lazgarri egitera eta bihotzez maite nuen jauregi hau erretzera. Eta nik, sutean bizitza galdu banuen ere, nire gogoa, hau da, nire espiritua preso da orduz geroztik jauregi honetan. Jadanik, laurehun urte inguru iragan dira orduz geroztik, eta akiturik nago. Nire gogoa libratu nahi dut eta argitasunerantz abiatu, baina horretarako laguntza behar dut. Zuek aukeratu zaituztet horretarako. Lagunduko al didazue? Bai dardarati batez erantzun zioten bi gazteek. - Orduan, ireki ezazue kutxatila eta bertan erraiten zaizuena egin. –Andereak, bozkarioa ezin disimulatuz. Beñatek burdinazko kutxatila kontu handiz zabaldu zuen. Barruan esku-izkribu bat eta zilarrezko kopa eder bat zeuden. - Irakur ezazue eta bertan erraiten zaizuena egin, otoi! –errepikatu zien andereak. Beñatek esku-izkribua jaso eta ozenki irakurtzeari ekin zion: Mezu hau irakurtzen duzuenek jakin behar duzue arima erratu baten askatzeko informazionea emaiten zaizuela. Bete ezazue eskatzen zaizuena eta erdietsiko duzue. Otoi, ez utzi nehoiz zilarrezko griala lurrean. Horrela eginez gero, zuen arimak ere, eternitaterako kondenatuak izanen baitira. Hau irakurtzean, Beñatek Maiderri ikaraz begiratu zion. - Segi ezak otoi, segi izutu gabe. Aitzina. Bete ezazue eskatzen zaizuena. –andereak fermuki aginduz. Beñatek ozenki irakurtzen jarraitu zuen: Zoazte errekara eta bertako urez zilarrezko griala bete. Gero, itzuli ganbera ezkutu honetara eta grialeko uretan bustitako eriez gurutze saindua egin ezazue libratu nahi duzuen arima erratuaren gainean, horrela argitasunezko bidea non den erakutsiko baitiozue.Hori guztia egin ondoren, griala burdinazko kutxatilan berriro sartu eta irten zaitezte ganbera honetatik betiko.Zuen isiltasuna izan behar da gero, akordio hau betiko sinatuko duena. Jainko handiaren bedeinkazioa izan bedi zuekin! - Goazak! –esan zuen Maiderrek, bi aldiz pentsatu gabe. Eskuan zeraman linternaz zurubia argiztatu zuen. Beñat atzetik zebilkion, esku artean zilarrezko kopa eramanez. Zulotik ilki eta hurbil zen errekarantz abiatu ziren. Halako batean, Beñat zuhaitz baten zainarekin trabatu eta kili-kolo, erortzeko zorian izan zen zenbait instantetan. Maiderrek besotik heldu eta zutik mantentzen lagundu zuen. - Kopa erori al zaik? –galde egin zion kezkatuta. - Ez! - Eta lurra ukitu al du? - Ez dinat uste. - Eskerrak! –biek batera. Deus gehiago esan gabe, errekara iritsi ziren. Beñatek griala urez bete eta zulorantz itzuli ziren. Barrura sartzerakoan, anderea mahaiaren aurrean belaunikaturik topatu zuten. - Ekarri al duzue? –galde egin zien ahots hotzez. - Bai, ekarri dugu! –ihardetsi zion Maiderrek. - Egin ezazue, bada, esku-izkribuan erraiten zaizuena. –andereak, bere bozkarioa ezin ezkutatuz. Beñatek atzamarrak kopako uretan sartu eta anderea busti zuen bere gainean aita gurearen seinalea eginez. - Mila esker aunitz. Zuei esker libre naiz. Jainko handiaren bedeinkazioa izan bedi beti zuekin! –esan zien andereak poztasun handiz. Une hartan, andere zuria desagertu zen, eta zegoen tokian argi bortitz bat azaldu. Zurubitik goiti igo zen. Beñatek griala burdinazko kutxatilan sartu, hura hertsi, eta argiaren atzetik zurubia igo zuten. Kanpora irteterakoan, harlauzak berriro lerratu eta zuloa itxi zuen. Ordurako, argi bortitza zeru ilun alderantz abiatua zen. Segituan, izarren artean galdu zen. Bi gazteak, isil-isilik, inor ez esnatzeko, berriro euren ohetan sartu ziren. Goizeko bederatzietan, irakasleen ahotsek esnatu zituzten: - Jaiki neska-mutilak, altxa! Gosaldu, gauzak bildu eta hamarretarako gure bila etorriko den autokarrean egon beharra daukagu. Hala, mugi denak! - Baina, baina…! –Jon irakasleak Maider eta Beñati begira– A zer begi-zuloak! Gauean ez al zaituzte loak hartu! Ene bada, zer esango dute zuen etxeetan halako aurpegiak ikusita. Gero, irakasleak beste logeletako neska-mutilak iratzartzera abiatu zirelarik, Beñaten ondoko ohean lo egiten zuen Ioritz izeneko mutiko kaskagorriak ozenki bota zuen gelan zeuden gainerako gazteek ongi entzun zezaten: - Ez, ez duzue lo handirik egin. Gaueko ordu ttikietan kanpotik zuen ohetara isil-isilik itzultzen ikusi zintuztedan. Zuek bai probestu duzuela gaua, alajaina! Ez al da hola! –galde egin zien irribarre handi bat ahoan zuela. Gelan, motxilak egiten ari ziren beste neska-mutil guztiek barre zoro ozen handi batez Ioritzen hitzak berretsi zituzten. Kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar!! ! AITAREN NEGOZIO BILERA Koxepe Garat miarrota da, hau da, miarriztarra. Miarritzen sortua, Miarritzera ezkondua eta Miarritzeko banka batean lanean aritzen dena. Hiru seme-alaben aita. Langilea eta arduratsua. Hori dela eta, bankako zuzendaritzara iritsia da. Bere lana maite du, eta gogo handiz ekiten dio. Horrenbeste maite duena tarteka, negozio bilerak direla eta, kanpo aldera egin behar izaten dituen bidaiak dira. Halakoetan, aste pare batez, bere familiarengandik urrun izaten da, eta biziki tradizionalista denez, ez du etxetik urrun egon behar hori sobera maite. Mirentxu emazteak badu horren berri, eta horrelakoak hurbiltzen zaizkionean, senarra animatzen ahalegintzen da. Azken finean, hori haren lana, eta horretaz bizi da familia osoa. Emaztearen bultzadari esker, etxetik urrundu behar hori goxoago egiten zaio Koxepe gureari. Oraingoan, Alemaniara, Berlinera zehazkiago, joan beharra dauka Koxepe sufrituak. - Agur aita, sarri arte! Bidaia on! –agurtu zuten hiru seme-alabek abiatzeko orduan. - Anima Koxepe, anima bihotza eta arima! –Mirentxu emazteak senar penatuaren abiatzea goxatu nahian. Eta horrela, penaren penaz, Koxepek negozio bidaia berria egiteari ekin zion. Egunak iragaiten ziren, bata bestearen atzetik, eta egunero, ilunabar aldean, Koxepek etxera telefonoz deitzen zuen familiaren berri ukaiteko. - Txirrin, txirrin…! - Gau on Mirentxu! Ongi al zarete? - Gau on Koxepe! Nola zira? Zer moduz Berlinen? Gu, etxean, ongi maitea. Etxean ongi gira denok. Eta zu, nola zira laztana? - Ongi, biziki ongi, baina erran behar badizut, arras akiturik. Buruko min galanta dut. Afaldu fite eta lotara noa, bihar goiz-goizean jaiki behar baitut. Badakizu lanak ez du barkatzen. - Eutsi Koxepe, eutsi! Laster itzuliko zira-eta. –emazte hunkituak. Hurrengo egunean, arrats aldean, Mirentxu afaria prestatzen ari zen bitartean, haurrak egongelan, Euskal Telebistako marrazki bizidunak ikusten utzi zituen. Handik hamar bat minutura Maitena, alabarik zaharrena, sukaldera sartu zen. - Ama, ama! Aita telebistan da! - Zer erraten duzu Maitena?, aita telebistan dela? - Bai ama. Marrazki bizidunak finitu dira eta orain aita ari da hizketan. - Hau ustekabea! Berlinen egin beharreko negozioaz arituko da! - Ez ama, ez dago Berlinen, Espainiako Benindorm-en baizik. –neskatilak amari gauzak argitu nahian. Mirentxuk ez zuen deus gehiago erran. Eskuak jantzirik zuen mantalean garbitu eta korrika egongelara abiatu zen bere senarra telebistan ikustera. Iritsi, ikusi eta hura ustekabea hartu zuena Mirentxu gaixoak. Erreportaje moduko bat ematen ari ziren eta han, Benidorm-eko hondartzan, hamaka batean etzanda senarra zegoen. Neska ilehori ponpoxa batek masajeak egiten ari zitzaion bizkarrean. - Bai jaun-andreak, Euskal Herri osoa euriaren azpian dagoen bitartean, Mediterranioko kostaldean oso eguzki ederra daukate. Kostalde guztia turistez beteta dago, eta horietako asko euskaldunak dira. Benidorm-eko hondartza, esate baterako, euskaldunez lepo dago. Entzun diezaiogun pantailan dugun gizonari. –zioen telebistako esatariak. - Zu nongoa zara? –galde egin zion telebistan agertzen zen kazetariak hamakan, neska ilehori panpoxaren masajeak jasotzen ari zen gizonari. - Ni lapurtarra niz, Miarritzekoa. - Eta zeren bila etorri zara Benidromera? - Iduzkiaren xerka, jakina! Estresatua nintzen eta pausa behar nuenez gero, hona etorri niz. Masajeak ematen ari zitzaion neska lirainak, irribarre eginez, hurbildu eta musu eman zion Koxepe sufrituari, baita gizonak gogo onez erantzun ere. Telebistako esatariak bere mezuarekin jarraitu zuen: - Ikusten duzuen bezala, euskaldunok badakigu bizitzaz gozatzen. –Eta ordurako besarkada estu batez uztarturik zeuden gizon-emakumeei begira– On dagizuela! erranez bukatu zuen. Momentu horretan, Mirentxuk, amorru handiz, telebista itzali zuen. Gau hartan, iluntzean, egunero egiten zuen legez, Koxepek etxera deitu zuen. - Txirrin, txirrin…!! ! - Gau on familia! Zer moduz zaudete? - Gu ongi eta zu? –Mirentxuk. - Ongi maitea, baina arras akiturik. Badakizu lanak ez du barkatzen. Bihar, arratsaldeko laurak aldera, Parmako aireportura iritsiko ni zeta berehalaxe, taxi bat hartu eta etxean izanen niz. Badut gogoa etxean zuekin egoteko eta pixka bat deskantsatzeko. Ainitz maite zaituztet. Bihar arte! Hurrengo egunean, arratsaldeko lauretan hegazkinak lurra hartu zuen Parmako aireportuan. Koxepe hegazkinetik jaitsi eta taxi bat harturik, Miarritzeko bere etxerantz abiatu zen. Bostak aldean etxeko atean zen. Emazteak atea ireki zion, baina Koxepek espero zuen musua eman beharrean, maleta handi bat eman zion eskura honako hau erraten ziola: - Hemen dituzu zure gauza guztiak: barneko galtzak, galtzerdiak eta guzti. Segi berriro Benidormera eta utz gaitzazu bake sainduan. –Eta atea kolpe bortitzaz hertsiz, agurtu zen– Segi eta nehoiz ez itzuli! Adio! SUGAARREN ITZULERA Bai, bai! Lehen bazen Sugaar izeneko suzko suge arra, biziki gaiztoa zena. Mendietan bizi zen eta ekaitzarekin batera zeruan azaltzen zen harro eta gaizto. Haserretzen zelarik, belar-metak, zuhaitzak eta baita aunitzetan baserriak eta etxeak ere erretzen zituen. Behin hasiz gero ez zuen barkatzen. Ez zuen gupidarik. Baina halako batean, eta oraindino inork ez daki zergatik, desagertu zen. Azkainen eta inguruko bazterretan bake ederra hartu genuen. – Horrela mintzatzen ari zena Gaxuxa Etxeberri zen, Errekaxilo etxeko alaba. Hirurogeita lau urte zituen eta aspalditik alargundua zen. Hiru seme-alabak Baionara lanera joan zitzaizkionez geroztik, bakarrik bizi zen bere etxean. - Amatxi! –galde egin zion bere bi anaiatxoekin batera entzuten ari zen Ainara bilobatxo ttipiak– eta hori noiz gertatu zen? - Duela biziki denbora luze, bihotza! Nik ez dut Sugaar nehoiz ikusi. Kontatzen dizudana nire amatxik niri, zuek bezain ttipia nintzenean, kontatutakoa da. Pentsa ezazu! –ihardetsi zion Gaxuxak Baionatik bere etxean udako denboralditxo bat pasatzera bi anaiatxoekin batera etorritako alabatxiari, umea nolabait lasaitu nahian. - Eta gaiztakeriaren bat egin al zion zure amatxiri? –galdetu zion arrapaladan Beñat ttipiak. - Bai, behin etxeko selaruari su eman zion. Baina bertan bizi zen katuetako bat mauka hasi eta nire aitatxi-amatxiek, horrela oharturik, sua itzali ahal izan zuten. - Eskerrak! –erran zuen Eneko ttipitxoak–, bestela…! - Bai, arrazoia duzu Eneko, eskerrak! Bestela suak Errekaxilo eta bere teilatupekoak erreko baitzituen, eta gu lauok ez ginateke orain hemen, beheko suaren inguruan, goxo-goxo hitz egiten. * * * Hamasei urte berantago, han zeuden, berriro bilduta amatxiren ohe aitzinean. Egoera arras ezberdina zen, amatxi Gaxuxa bere azken hatsa ematen ari baitzen. Negu gogorra igaro berria zuten eta Gaxuxa gaixoa arrunt eri eroria zen. Bizitza unez une ari zitzaion aldentzen, liparrez lipar. Errekaxiloko ganbera zabal hartan, amatxiren ohatzearen inguruan, Gaxuxaren Koxe, Mattieu eta Luixa seme-alabak zeuden, hauen senar-emazteak eta zazpi bilobak, beraien artean Ainara, Beñat eta Eneko anaia-arrebak. Ordurako ez ziren garai bateko haurrak. Hogeita zazpi, hogeita bortz eta hogeita bat urteetako gazteak baizik, eta bertzeekin batera, amatxiri azken agurra ematera etorriak ziren. - Ura, ura….. otoi! –eskatu zuen halako batean Gaxuxak. Ainarak, ohatzearen aitzineko mahaira hurbildu zen eta bertan zegoen botilatik baso bat ur bete zuen, gero amatxiri eraman zion. Luixa albak amatxi esertzen lagundu zuen eta gero, Ainarak ura edaten lagundu zion. Gogo handiz edan zuen eta edalontzia urrundu aurretik, Ainararen eskua tinko heldu eta belarrira honela erran zion: - Ainara, ni banoan, baina joan baino lehenago gauza bat erran behar dinat. - Zer da amatxi? –erantzun zion Ainarak, arras harrituta. - Oroitzen al dun ttipia zinetelarik kontatu nizuena? –segitu zuen gero eta zailtasun handiagoz Gaxuxak. - Sugaarrena diozu? –Ainarak. - Bai horixe! Jakin behar dun duela bi urte Errekaxilora itzulia dela. Kasu eman behar duzue. Dena hasi zunan duela bi urte inguru, oilategia erre zenean. Gero leihoko gortinak, sutan zeudela, harrapatu nitinan denborez. Beste behin, kanpoan, eguzkiak idor zitzan, zintzilik nituen mihiseak kiskali zizkidanan. Eta duela astebete ondoko basoko zuhaitzen artean ikusi ninan. - Ikusi zenuela diozu? –Ainarak, guztiz ikaratuta. - Bai, basoan zunan niri tinko begira. Haserre zirudinan. Itzuli dun Errekaxilora eta ez dun geldituko baserria guztiz kiskali arte… Ainara, ez utzi Sugaarrek gure arbasoen etxea erre dezan. Ez utzi, otoi! Ni banoan… Ez utzi… Ainara, ez utzi…! Hauek izan ziren Ainarak amatxi Gaxuxaren ahotik entzun zituen azken hitzak, Errekaxiloko alabak orduantxe eman baitzuen azken arnasa. Luixa alabak begiak hertsi zizkion eta Beñat semeak ganberako leihoak zabaldu zituen Gaxuxaren izpiritua libre irten zedin. Gero, ganberan bildutako guztiek batera, Aita gurea ozenki errezatu zuten zendu berriaren arimaren alde. Orduantxe erabaki zuen Ainarak Baiona uztea eta Azkaineko Errekaxilora bizitzera aldatzea. Sugaarrek baserria erre nahi bazuen, han egonen zen bera aurre egiteko eta haren nahikeria gaiztoa eragozteko. Handik bi hilabetetara Ainara Errekaxilon zen. Bere adiskide baten bitartez lana xerkatua zuen Senpereko lantegi batean. Denbora igaro zen eta han ez zen Sugaarren arrastorik ikusten. Ainara pentsatzen hasia zen amatxik azken momentuan kontatutako Sugaarren hura guztia eldarnioetan sortua zela. Urte erdi pasatu behar izan zuen Errekaxilon, amatxi Gaxuxak kontatutakoa egia zela baieztatzeko. Azaroko gau batean izan zen. Ainara irakurtzen ari zen bere gelan, ohean etzanda, erre usain handia sumatu zuelarik. Amatxiren izandako ganberatik zetorren. Jauzi batez altxatu zen eta azkar batean, ganberako atea ireki. Amatxiren ohea erretzen ari zen. Lehen harridura momentua pasatuta, Ainarak sukaldeko eltze handi zenbait urez bete eta sua itzali zuen. Horretan ari zela, gero eta ozenagoa zen ziztu bitxia entzun zuen. Bazirudien ziztu hark belarriak lehertu behar zizkiola, gero etxeko bazter guztiak gainezkatzen zituen barre ertzoa entzun zuen. Kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar…. Ainarak etxeko ate nagusia zabal-zabal ireki zuen, eta orduan ikusi ahal izan zuen airezko eta suzko zurrunbilo baten itxurako zerbait etxetik ilkitzen eta ondoko basoan galtzen. Beraz, amatxi Gaxuxak, azken hatsa ematean, kontatu ziona egia zen. Sugaar Errekaxilora itzulia zen! Hurrengo egun eta asteetan bakea izan zen Errekaxilon. Bazirudien Sugaar alde egina zela, bederen, horrela pentsatu nahi zuen Ainarak. Hala eta guztiz ere, beldur handia zen nagusi Ainararen baitan. Haatik, amatxiri, hil zen egunean, emandako hitzak indarra ematen zion etxe hartan, bere arbasoen izandako etxean, jarraitzeko. Handik hiru hilabetetara egoera arrunt aldatu zen. Otsaila zen, ortzeguna, eta Ainara akiturik itzuli zen lantokitik. Afaritxo bat egin ondoren, oheratu zen. Gaua lo seko eman zuen, nekeak ematen duen lo sakonaz. Gaueko ordu biak aldera, eztanda hurbil batek bere loalditik iratzarri zuen. Zer ote? Etxeko bazterrak presaka miatu eta gero, eta barruan ez zela izan ziurtatu ondoren, etxeko atea zabaldu eta etxe aitzineko zabaldira atera zen. Han ikusi zuenak odola hormatu zion zeharo. Bere autoa su eta garretan zegoen. Ke hats beltz handi batek dena iluntzen zuen, eztarrian sartu zitzaion eta eztula eragin zion. Zegoeneko ezin zen deus egin, suak gasolina-ontzia hartua zuen eta horrek eragin zuen Ainara bere loalditik esnatu zuen leherketa. Lipar batez, arropak eta bestelakoak maletetan sartzeko eta Errekaxilotik betiko alde egiteko sekulako gogoa sumatu zuen bere baitan. Suzko eta ke beltzezko zurrunbilo batean ezkutaturik zegoen auto aldera begiratu zuen, berriro ere. Eta orduan ikusi zuen suge arra airean, hegaka, autoa estaltzen zuen zurrunbiloaren gainetik hegaka. Suzko suge arra pozik zebilen alde batetik bertzera, jira-biraka. Eta orduantxe bere barre ertzoak gaua bete zuen: kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar…!! ! Ainarak belarriak eskuez fermuki hertsi zituen eta korrika etxera sartu eta danbateko bortitz batez atea itxi zuen. Lehen, autoa kiskaltzen ikustean hormatutako odola, orain borborka sumatzen zuen zainetan, irakiten. - Ez naiz Errekaxilotik joanen! Ez, ez naiz joanen! –bota zuen ozenki, Sugaar malapartatu hark entzun ziezaion. Eguna argitzean, Xabi lagunak Donibane Lohizuneko asegurantza etxera eraman zuen autoz. Behin paper guztiak bete ondoren, Azkainera itzultzen ari zirela, Xabik honela erran zion: - Ainara, badakit ez duzula gertatutakoaz gehiago mintzatu nahi, sobera minbera egiten zaizulako, baina nire ustez, badago gauza bat erran behar dizudana. - Erran ezazu Xabi, erran ezazu! –erantzun zion Ainarak, poztasun handirik gabe. - Ezagutzen duzia Azkaineko erretore berria? - Nor? On Ramuntxo? –ihardetsi zion Ainarak, hizketan segitzeko gogo handirik gabe. - Bai, berbera! Ez dakit jakinen duzun apeza izateaz gain erdi aztia dela. Zenbaitek erran didatenez, erdi medium ere ba omen da. - Eta? –Ainarak, gehiago jakin guran. - Berarekin apeztegian ikasi eta ongi ezagutzen duen nire lagun batek kontatu didanez, sorgin kontuetan arras aditua omen da. Sorgindutako etxe zenbait garbitu du eta exorzismoetan ere ibilia omen da. Zer iruditzen zaizu berarengana bagoaz eta den-dena kontatzen badiogu? - Ez da ideia txarra. Goazen Xabi! Eraman nazazu On Ramuntxorena. Erran eta egin. Oren laurdena igaro aitzin apezetxeko ate aurrean zeuden. Atean jo eta On Ramuntxo berak atea zabaldu zien. - Egun on Jainkoak eman diezazuela lagunak! Zer nahi duzue? - Berorrekin mintzatu. Hil ala biziko afera da. –erantzun zion Ainarak, esperantza berriez gainezka. - Aitzina, aitzina! Sar zaitezte eta mintzatuko gara. –erretoreak. Mahai zahar eta luze baten inguruan eseri eta berehalaxe Ainarak ordura arte gertatutako guztia kontatu zion. Apezak ez zuen aurpegian deus erakusten eta Ainarak bere azalpenekin bukatu zuen arte ez zuen txintik ere erran. Gero bai. Ahots hunkituaz honela erran zion: - Kontatu didazun hori guztia arras larria da, larria eta gogorra. Jakin baneza zer egin! Emadazu egun zenbait, gogoeta eginen dut zuk kontatutakoaz eta zer egin dakidanean etxera joanen natzaizu. Handik astebetera On Ramuntxo Ainararen etxean azaldu zen liburu lodikote bat eskuan. - Egun on Jainkoak eman diezazula Ainara! Iritsi da eguna. Prest al zaude? - Bai, erretore jauna. Berorrek nahi duelarik hasiko gara. Prest naiz. - Ekar itzazu etxean dauzkazun eltzerik handienak eta goazen errekara! –apezak. Ainarak apez jaunak erran guztia bete zuen, lau eltze handi bilatu eta horiek eskuetan etxe ondoko errekarantz abiatu ziren biak. Urez bete eta bien artean etxera garraiatu zituzten. - Orain zabal itzazu etxeko ate eta leiho guztiak, eta ondoren nire gibelean jarri. Agindu bezala egin zuen Ainarak. Orduan On Ramuntxok latinez idatzitako liburu mardula ireki eta ozenki irakurtzeari ekin zion. Ainarak ez zuen tutik ere ulertu. Gero, urez betetako eltzeak bedeinkatu eta burruntzaliaren laguntzaz etxeko bazter guztiak zipriztinez bustitzen hasi zen, sukaldea, lo-ganberak, komuna… Selaurura iristean gauza bera egin zuen eta une hartan zurrunbilo beltz bat aireratu zen. Suzko suge arra zen. On Ramuntxok burruntzalia urez bete eta suge arra busti zuen. - Hoa, hoa hemendik betiko Sugaar! Eta ez itzuli nehoiz! –erran zion ozenki. Momentu zehatz hartan suge arrak alde egin zuen etxeko leiho batetik urruntasunean galtzeko. Gero, On Ramuntxok leiho eta ate guztietako kanpo aldean gurutze gorri bana margotu zuen. - Ez da itzuliko! –erran zion Ainarari begietara begiratuz. Eta horrela izan zen. Urteak fite igaro ziren. Ainara eta Xabi Errekaxilora ezkondu ziren. Gaur hiru seme-alaben guraso dira, eta nehoiz ez dute Sugaarren berririk ukan. Hori bai, nehoiz ez dituzte On Ramuntxok etxeko ate eta leiho guztietako kanpo aldean margotutako gurutze gorriak ezabatu. GENEVIÈVE ETA PAXKAL Lagunok, denok ongitxo dakigun bezala, gaur egungo maskotak ez dira betikoak, edo agian hobeto erranik, betiko maskotez gain, gaur egun oso bestelakoak daude. Zenbait etxetan tarantulak eta antzeko armiarma handi higuingarriak ikusten ahal dira. Muskerrak, kaiman-kumeak, urtxintxak eta horrelakoak, gero eta gehiago ikusten ahal ditugu, eta baita urrundik ekarritako era guztietako sugetzarrak ere. Paxkal Hardoi uztariztarra da sortzez, baina Baionako Saint Léon ospitalean egiten du lan erizain gisa. Berrogeita bost urte ditu eta ezkongabea da. Baiona Ttipian, Pannecau karrikan bizi da, bakarrik, edota hobeto erranda, Geneviève-rekin. Geneviève potolo samarra da, zintzoa eta isila. Afrikatik ekarria da, bederatzi metro luze neurtzen du eta pitoi arrazako beste sugetzarren antzera jatun samarra. Paskalek duela sei hilabete erosi du Baionan ireki berria zen animalien saltoki batean. Paskal Hardoik biziki maite du eta bere gosea ederki asetzen du animalien saltokian erosten duen elikagai bereziaz. Tarteka untxiak, saguak eta horrelakoak ere ekartzen dizkio harrapa eta jan ditzan. Paxkalen bizimodua biziki lasaia da, etxetik ospitalera eta ospitaletik etxera. Horrela igarotzen ditu egunak eta asteak. Hori dela eta, Genevièven konpainia izugarri estimatzen du. Telebista ikusten aritzen denean, Geneviève berarengandik hurbil, lurrean kiribilduta, egoten da. Gauean, ohera sartzean, Geneviève ohe ondoan kiribilduta egoten da. Isila den arren, tarteka zurrunka modukoa egiten du, baina horrek ez du Paxkal inolaz ere asaldatzen. Eta horrela egunak joan eta egunak jin. Azken bolada honetan Geneviève arraro samarra dago. Ohikoa baino erneago. Eta aunitzetan telebista ikusten ari denean, Paxkalek berari irmo begira harrapatzen du, bere miztoa dantzatzen. Eta horretaz gain, azken hiru egunetan, goiz-goizean, ospitalera joateko esnatu denean, Geneviève, lurrean kiribilduta egon beharrean, ohean, bere ohean, luze-luze etzanda topatu du, esna, eta berari irmo begira, beretaz maitemindurik balego bezala. Hori izanen dea?Paxkalek ez daki zer pentsatu. - Zer gertatzen zain potxolo? Aspertzen haiza,, hor lurrean, bakarrik? –Baina Genevièvek ez dio erantzuten, eta betiro berari irmo begira jarraitzen du. Okerrena bart izan da. Paxkal berandu samar oheratu zen. Lagunekin afaritxo bat eginda zuen, eta hori dela eta, berant samar joan zen ohera. Paxkalek ez du, ontsalaz (6), alkoholik eta kaferik edaten, baina afaria Bordeleko ardo onaz bustirik egin zuen, eta bizpahiru kafe hartuta itzuli zen etxera. Ohean etzanda zegoela, egun argiz baino esnatuago zegoen, ohean bueltaka eta bueltaka, lo egin nahian eta ezin. Eta horrela orenak j joan eta orenak jin. Halako batean, gorputz hotz bat sumatu zuen bere ondoan. Geneviève zen. Aurreko egunetan bezala, isil-isilik, lurretik ohatzera igoa zen. Paxkal jauzi batez ohean eseri zen. Eta sugetzarrak, gorputz erdia altxatu zuen, nagusiaren buruaren garaieran jartzeko. Irmo begiratzen zion gure donadoari . - Zer dun Geneviève? Hotz haiza? Badakin ez dudala maite hi ohera igotzea. Jaitsi hadi oraintxe bertan! Entzun al dun? Jaitsi hadi nire ohetik! Baina kasurik ez. Azkenean, indarrez puxatu behar izan zuen ohetik lekutzeko (11). Handik oren batera edo, loak Paxkal hartu zuen. Goizeko 6,30etan iratzargailuak jo zuelarik, Paxkal gurea, neka-neka eginda, esnatu zen, eta ondoan, ohean luze-luze etzanda, eta berari irmo begira, Geneviève zegoen, berriro ere. - Berriro hemen? Zer erran ninan gauean? Ez dinat bat ere maite hi ohera igotzea. Azken aldia izan dadila, bestela haserretuko naun. Genevièvek begirada mantenduz eta miztoa dantzatuz ihardetsi zion. Zortzietarako lanean zegoen. Eskerrak lanegun laburra zuela, gaueko parrandaren eraginez arras akituta baitzegoen. Eguerdirako kanpoan zen, arratsalde hura bere atseden eguna baitzen. Fite bazkaldu eta Baiona Ttipian famatua den Hiriart albaitariari dei egin zion. - Bai, arratsaldeko 4,30ak aldera joanen natzaizu etxera.–erran zion Hiriart jaunak. Telefonoz agindu bezala, 4,30etarako, Paxkal Hardoiren etxean zen. - Arratsalde on Hiriart jauna. Mila esker ainitz etortzeagatik – Agurtu zuen Paxkalek. - Arratsalde on zuri, Hardoi jauna. Garrantzi handiko afera zela erran didazu, eta hori jakinik, ez nintzen etxean lasai gelditzen ahal. Geneviève zer duzu, hilzorian ala? - Ez, ez. Ez da hori Hiriart jauna. Geneviève osasun onez dago, nehoiz baino osasuntsuago. - Orduan? –albaitariak, arrunt harriturik. - Ez dakit nola kontatu jauna. –Paxkalek, bere burura azalpen zuzena ekarri nahian. - Tira ba gizona. Hasi kontari.–Hiriart albaitariak, jakin-minez. - Geneviève bitxi samar dabil azken egun hauetan. Beti izan da zintzo eta fidela, eta betidanik adiskidetasun handia erakutsi dit, baina azken bolada honetan, gauean, lo egiten dudanean, nire ohe ondoan kiribilduta egon beharrean, ohera igotzen zait, isil-isilik, eta nire ondoan luze etzanda egoten da, esna-esna eta niri irmoki begira. Goizero esnatzen naizelarik, horrela topatzen dut, niri begira eta miztoa dantzatuz. Zuri zer iruditzen zaizu Hiriart jauna, ar baten beharrean al dago? –bota zuen Paxkalek, musu-matrailak lotsaren lotsaz gorritzen zitzaizkiola. Albaitariak ezin izan zuen barre bat egin gabe egon, eta barre-algara amaitzean honela ihardetsi zion: - Hardoi jauna, zer ar eta zer ar-ondo? Geneviève ez dago zutaz maitemindurik. Pitoia da, eta pitoiek harrapakin handi bat jan aurretik, egun zenbait ematen dute neurtzen. Horixe zen Geneviève zurekin egiten ari zena. Neurtzen ari zintuen. * * * Baina Paxkal Hardoiren eta Geneviève sugetzarraren istorioa ez zen hor amaitu. Albaitaria joan bezain pronto, Paxkalek sugetzarra erosi zuen animalia-dendara dei egin zuen, eta inolako erreklamaziorik egin gabe, bertara itzuli zuen. Gau hartan Paxkalek lasai egin zuen lo, inolako amorosarik gabe. IPUIN IRAKURKETA IZABAKO HILERRIAN Euskal Haziak ikastolako 4. DBH-ko ikasleak kurtso bukaerako bidaia burutzen ari dira Pirinioetan barrena. Katalunian hasi ziren Bartzelona bisitatu ondoren, Aragoikoa egin berria daukate eta orain, txangoari amaiera emateko Euskal Herriko Pirinioetan dira. Erronkaritik Zuberoara pasa nahi dute Belagoako bidetik barrena. Gaua Izabako kanpinean pasatzen ari dira. Osora berrogeita bost ikasle eta hiru irakasle: Aitor Illarregi euskarakoa, Jokin Muñoz soinketakoa eta Itziar Larregi ingelesekoa. Taldea aski jatorra da eta portaera ona eduki dute orain arte, Bartzelonan pixka bat harrotu baziren ere. Bederatzietarako bukatu dute afaltzen eta bidaia hauetan beti gertatzen den bezala, ikasleek lo egitera joateko presarik ez. - Gaur ere, betiko leloa daukagu. Ez dute lotara joan nahi. –Aitor irakasleak. - Baina Aitor, goiz samar duk lotara joateko. Hi gaztea hintzela lotara joango al hintzateke? Ez diat uste. Parranda egin nahiko huke hauek orain egin nahi duten bezalaxe. –Itziarrek, irribarre zabal bat ezpainetan duela. - Itziarrek arrazoia dik, Aitor! Gaueko bederatziak dituk. Goiz samar gure gaztetxoak ohera erretira daitezen. –Jokinek. - Bai, badakit goiz samar dela eta inor ez dela erretiratzeko prest egongo. Baina bost egun hauetan, gauero egin dute horrela, eta ni nekatzen hasita nago. Ezin al digute bake pixka bat eman? Nik lasai ederrean egoteko gogoa daukat. –Aitorrek, erretxinduta. - Ez zaik arrazoirik falta, Aitor! Baina uler ezak gure gaztetxoek zer edo zer egin beharra daukatela lotara joan aurretik. Gorputza unatu beharra zeukatek. Bestela okerragoa izango duk. Hor ibiliko dituk gauean hitza eta pitza, etengabeko jostaketan eta azkenean, guretako inork ezin izango dik lorik egin. –Jokinek. - Nik gustura hartuko nikek kafe bat Izabako ostatu batean, ikasleak nolabait ahantziz. Potrotaraino naukatek! –Aitorrek. - Baita nik ere! –Itziarrek, Aitorrek proposaturiko kafeaz inbidiatuta. - Ideia bat bururatu zait! –Jokinek– Zoazte biak kafetxo bat hartzera, eta nik, bitartean, ikasle guztiak paseo bat egitera eramango ditut. - Paseo bat gauean? Nora? –Aitorrek eta Itziarrek, arrunt harriturik. - Ez dituk Idoiako Ama Birjinarengana eramango, ezta? Urruti zagok, eta gainera pirata hauek ez ditek deus errespetatzen. –Itziarrek. - Ez neska, hago lasai! Ez ditinat Idoia aldera eramango, urrutiegi zagon, kanposantura baizik. –Jokinek. - Kanposantura? Hi erotu haiz! –Aitorrek, soinketako irakasle gaztearen irtenaldia ezin ulertuz. - Baina Jokin, zer esaten ari haiz? –Itziarrek, arras kezkaturik. - Lasai zaitezte biak. Ez da sargoriak sortutako ero kolpea, ongi pentsatutako ideia baizik. –Jokinek, bere bi lankideak sosegatu nahian. - Ni gaztea nintzela –segitu zuen soinketako irakasleak– Nafarroa Behereko Donazaharrera joan nintzen nire ikastolako irakasleek antolatutako txango batean. Han ere, hemen bezalaxe, ikasleok txol asperturik ginen gaueko orduetan. Hori dela eta, irakasleetako batek herriko hilerrira eraman gintuen eta bertan beldurrezko ipuinen irakurketa ozena egin genuen. Hara joan ginen gehienok pijama jantzita. Beldur pittin bat pasatu bagenuen ere, aitortu beharra daukat esperientzia polita, ezberdina, izan zela guretzat, beti gure oroitzapenetan iraun duen horietakoa. Antzeko zerbait egingo genuke gaur gauean. Aitor Aranaren Ipuin lazgarriak izeneko liburua ekarri dut eta bost bat ipuin irakurriko nizkieke. Zer iruditzen? - Bitxia! –Itziarrek, zer pentsa ez zekiela. - Bitxia, bai! –Aitorrek– baina denbora berean polita. Piztitxo hauek baretzeko moduko ekitaldia iruditzen zait. Gustatuko zaie, bai! Hik, Jokin, eraman itzak ikasleak hilerrira beldurrezko ipuinak irakurtzera, eta Itziar eta biok bitartean kafetxo bana hartuko diagu herriko ostatu batean. Pentsatu eta egin bat izan zen. Jokinek ikasleak bildu eta egin beharrekoa azaldu ondoren, hilerri aldera eraman zituen. Aitor eta Itziar, aldiz, Izabako karrika estuetatik barrena sartu ziren gustuko ostatu baten bila. Kanposantura sartu aurretik, Jokin irakasleak errespetua eskatu zien ikasleei: - Orain barrura sartuko gara gure ekitaldia burutzera, baina sartu aurretik gogoratu nahi dizuet ez garela hona etorri bertan betiko loan daudenen bakea urratzera, hau da, hildakoen isiltasuna profanatzera, ipuin irakurketa bat egitera baizik. Eduki ezazue hau garbi zuen buruetan. Begirunearen kontra edozer egiten duzuela, gogor zigortuko dut eskolako arautegia aplikatuz. Beraz, mesedez, porta zaitezte ongi! - Eta mamu bat agertzen bazaigu? –Aiora ikasleak, gaizto aurpegia jarriz. - Ixo Aiora! Ez hadi giroa nahasten hasi! –irakasleak, haserreturik. Eta gehiago esan gabe, artalde osoa sartu zen hilerrira irakaslearen atzetik. Marmol zurizko gurutze eta hilobien artean pasatzean hotzikara sumatu zuen batek baino gehiagok. Beldurraren lehen zimikoa sumatzen hasiak ziren. Erdi zabalik zegoen hilobi baten aurreko zabalgunean gelditu ziren, irakasleak horrela aginduta. - Hementxe! Hementxe egingo dugu gure irakurketa, denok biltzeko moduko tokia dago-eta! Hurbil zaitezte, otoi! Irakaslea erdi zabalik zegoen hilobiaren bazter batean lekutu zen eta ikasleak inguruan jarri zitzaizkion. Inork ez zuen deus ere esaten. Beldurra airean ikus zitekeen. - Hurbil zaitezte gehiago mesedez, tokia badago eta! Eta zuek jaitsi zaitezte hortik! –irakasleak, hilobi baten gainean igota zeuden bizpahiru ikasleei aurpegi txarraz begiratuz. Azkenean, ikasle guztiek irakaslea inguratu zuten biribil bat eginez. Jokinek,ozenki eta okasiorako ahots lodia jarriz, beldurrezko ipuin irakurketari ekin zion. Lehena irakurri zien. Ikaragarria zen, zonbiz eta odolez betetakoa. Inork ez zuen txintik ere esan. Bigarrena gero. Hau ere, guztiz lazgarria zen, hilketa odoltsu bat zehazkizun osoz kontatzen zuena. Ordurako ikasle gehienak galtzetan kaka eginda zeuden. Ondoren, hirugarrena irakurri zien eta geroxeago laugarrena. Osora, ordu batez, zazpi ipuin labur irakurri zizkien. Beldurrak isilarazten zituen denak. Momentu haietan soinu ttipi bat entzutea aski izango litzateke ikasle guztiak korrika eta arrapaladan irten zitezen. Zorionez, ez zen horrelakorik gertatu. Bukatzen ari zirenean, Mattin ikasle zintzoak irakaslearen hitzak moztu zituen: - Jokin, barkatu! - Zer Mattin? Ez ezak moztu mesedez! –irakasleak, bere azken azalpena eman nahian. - Baina, Jokin…! Ikusi al duzu erdi zabalik dagoen hilobi horretatik ateratzen den lurruna? - Zer lurrun eta zer lurrun-ondo! Utz iezadak bukatzen! –Irakasleak, gero eta haserreago. Baina hori esaten ari zitzaiola, aipatutako hilobi aldera begiratu zuen eta… zur eta lur geratu zen ongi itxi gabe zegoen hilobiko zirrikituetatik ateratzen zen lurruna ikustean. Laster usain astun batek bazterrak eta gure lagunak hartu zituen. Irakasleak, ustekabearen aurrean, erretirada agindu zien ikasleei. - Lasai zaitezte! Ez da ezer! Usteltzen ari den gorpu baten kiratsa, besterik ez. Goazen kanpinera! Baina lasai, korri egin gabe. Eta horrela, gehiago esan gabe, aldendu ziren denak bai hilerritik eta bai kirats sarkor hartatik. * * * Gau hartan nekez egin zuten lo, kanposantuan ikusitako lurruna burutik ezin kendurik baitzeukaten. Azkenean, gehien-gehienak lozorroan zirenean, garrasi lazgarri bat entzun zuten. Denak esnatu eta altxatu ziren zer gertatzen ari zen jakin nahian. Kanpin-denda baten aitzinean Maddi izeneko neska topatu zuten negar bizian. Inguru hartan hilerrian sumatutako kirats ustel sarkor bera usain zezaketen. - Zer gertatu zain? –galde egin zion Aitor irakasleak. - Ez didazue sinetsiko, baina lotan nengoela, norbait sumatu dut nire gainean. Karga zela eta, esnatu naizenean, bi zaplaztako eman dizkit aurpegian, eta gero tiraka eta arrastaka, dendatik atera nau zaku eta guzti. Garrasi egitean utzi nau. –kontatu zion ikasleak kontrolaezin zituen malko artean. - Lasai hadi neska! Amesgaizto bat izan dun, besterik ez! –Aitor irakasleak, neska lasaitu nahian– Ala, sartu berriro dendan eta egin ezan lo lasai. Bihar lasaiago hagoenean, hitz egingo dinagu. –eta ondoan begira ari zitzaizkien bizpahiru neska lagunei– Zuek lagun ezazue Maddi gaua pasatzen. Bihar arte! Pixkanaka-pixkanaka, denak beraien dendetara itzuli ziren, baita hiru irakasleak ere. Bidean zihoazela: - A zer garrasia! Oraindik belarrietan daukat. –Itziarrek. - Amesgaiztoa izan da, besterik ez! –Aitorrek. - Ez dakit zer esan. –Jokinek, zalantzez beterik– Maddiren dendaren inguruan zegoen kiratsa hilerrian usaindu genuen berbera zen. - Sugestioa! –Aitorrek– Nik ere sumatu dut usain ustel hori, baina zakur baten gorotza izango zela pentsatu dut. Eta izatekotan horrelako zerbait izango zen. * * * Hurrengo eguna Izaban eman zuten. Eguraldi sargoritsua zenez gero, arratsaldean udal igeritokira joan ziren freskatzera. Arratsalde biribila atera zitzaien eta ikasleek izugarri gozatu zuten. Haien jostaketak eta haien algarak! Hiru irakasleek ikasleen mugimenduak ikustatzen zituzten. Beraiek ere, freskatzeko aukera baliatu zuten bainu ezin hobea hartzeko. Zazpietan denak janzten hasi ziren kanpinera itzultzeko asmoz. Hiru irakasleak, ordurako arropaz aldatuta, igeritoki bazterrean ari ziren azkeneko ikasleak bertatik atera nahian. - Ala, atera eta jantzi zaitezte lehenbailehen, bost minutu barru alde egingo dugu eta! Halako batean… - Ezin du izan, atzoko kiratsa da! –esan zuen Itziarrek, izua ezin ezkutatuz. - Egia! Usain ustel berbera dun! –Jokinek, Itziarren hitzak berretsiz. - Ez zaitezte ergelak izan! Usain txarra badago, egia!, baina gorotz puska bat egongo da inguruetan, edo agian guk zanpatua daukagu. –Aitorrek. Horrela hiruak sandalien zolak begiratzen hasi ziren. Horrelakoetan ari zirela Itziar igeritokira erori zen. Berehalaxe, Aitor eta Jokinen artean uretatik atera zuten. - Zer gertatu zain? Zorabiatu haiz, ala? –Aitorrek, arras harriturik. - Ez, ez! Ez da mareaziorik izan. Norbaitek indar handiz bultzatu nau. –Itziarrek, arropa bustia xukatuz. * * * Afaldu ondoren ikasleak lozakuetara erretiratu ziren. Hiru irakasleak, denda aurrean gelditu ziren solasean. - Hilerrian egon ginenez geroztik, hemen hagitz gauza biziak gertatzen ari zaizkigu. –Jokinek. - Bai, egia! Ni beldurtzen hasita nago. –Itziarrek. - Superstizioak, lelokeriak! –Aitorrek– Kasuistika hutsa, besterik ez da. * * * Gaua inolako arazorik gabe eman zuten. Goiz-goizean altxatu ziren denak gosaltzeko asmoz. Dendak jaso eta motxilak bildu egin behar zituzten Belagoatik barrena Zuberoara igarotzeko. Ordurako, txoferra prest zegoen. Asaldatuta zirudien. - Egun on! Autobusa prest dago. –esan zien irakasleei. - Baita zuri ere! –irakasleek– Ondo egin al duzu lo? - Lo ongi, baina gauean aluren batek autobusa marrazkiz beterik utzi dit. Ikusi nahi al duzue? Deus esan gabe, irakasleak txoferraren atzetik, autobusa aparkaturik zegoen tokira hurbildu ziren. Leihoetako kristaletan eta paretetan gorrizko marrazkiak ziren. - Baina, zer da hori? –Itziarrek, eskuak masailetara eramanez. - Ikur satanikoak dira! –Jokinek, ikaraturik. - Zer ikur sataniko eta zer demontre! Ikasleren batek egindako txorakeriak dira! –Aitorrek. - Ez diat uste! –autobus gidariak– Ez dik ematen gaztetxo batek egindako gauza denik. Begira ezazue hemen! Eta esku batez autobusaren atzeko aldean idatzitako mezua irakurri zien: Erne ibili! Gero eta haserreago nauzue! zioen testuak. - Betiko usain ustela! –oihu egin zuen Jokinek. Txoferrak eta beste bi irakasleek buruaz baieztatu zuten. * * * Gertatutakoa ahantzia ez, baina nolabait gerorako utzia, goizeko bederatzi eta erdietarako denak autobusean zeuden. Irakasleek ikasleak zenbatu zituzten artzain batek bere ardiak zenbatzen dituen bezala, eta denak barruan zeudela ikusirik, abiatzeko agindua eman zuten. Eta horrela, Belagoatik barrena Zuberoara igarotzeari ekin zioten. Hura edertasuna! Hango belazeak, hango gailurrak, hango errekak, hango basoak…! Eta behin Zuberoan sartuz gero, hango amildegiak! Den-denak poz-pozik zihoazen, den-denak txoferra izan ezik, autobusean egindako margoek eta idatziek suminduta baitzeukaten. Hiru irakasleak ere, ez zihoazen horren pozik, gogoan baitzeukaten autobusean idatzitako mezu mehatxagarria. Ikasleak, berriz, eroaren gisa zeuden, kontu-kontari, pozez gainezka… Haietako aunitz txoferrak autobusean jarritako musika entzuten ari ziren, gehienak, berriz, amaigabeko blagan. Halako batean, Alkondarie izeneko kantua entzutean, ikasle guztiak ozenki kantari hasi ziren buila handia sortaraziz. Erdi lo hartu nindun zure telefono deixek ez dau inor etxien eta, pasatu zaitez. Geldi egon ezine sartu eustan gorputzien eta nerbioxo pareu segundo bakarrien. Ta prakak ezin sartu helduko nazela berandu ezin lotu alkondarie eskilarak beherantz banoie. Eskutik heldu ginen eskuak sutan ziren di-da gure artien sartu zan rollotxue portaleko atien lehenengo kalentoie igogailu barruen fuera lotsa guztixek. Ta prakak ezin kendu ezin izango dot inoiz ahaztu ezin kendu alkondarie sofaren ganien etzunde. Bai,dudarik gabe,gustukoa zuten. Bizkaierazko letra entzutean, irakasleek elkarri begiratu zioten, ezpainetan irribarre maltzurra loratzen zitzaielarik. Amildegiak gero eta handiagoak ziren, baita bihurguneak gero eta itxiagoak ere. Autobusa poliki zihoan. Halako batean, gidariak maniobra bortitz bat egin zuen eta autobusa amildegira hurbildu zen arrisku handiz. Ikasleak garrasika hasi ziren beldurrez. - Zer gertatzen zaik? –galde egin zioten irakasleek maniobra hura ezin ulertuz– Ongi al haiz? - Bai, bai! Ongi nago. Baina bolantea trabatu edo ez dakit zer gertatu zaion… Bazirudien norbaitek bolantetik tira egiten zidala amildegi aldera. –txoferrak, arrunt ikaraturik. Inork ez zuen ezer esan. Autobusak aurrera jarraitu zuen. Musika-gailuko kantuak bere leloaz segitzen zuen: Beldur barik irrintzika erropak etxien ziher botata ta zu bilusik. Zoro moduen maitatu ginen eta probatu gendun estixen musturrek sartunde. Zoro moduen jarri ginen ta gozatzen heldu zan goiza. Erdi lo hartu nindun zure mutilaren deixek: kotxie aparkatu dot laster gorantza noie. Ta prakak ezin sartu ezin ixengo dot inoz ahaztu ezin lotu alkondarie. Eskilarak berantz banoie. Agur esan barik banoie, banoie. Deitu nahi dozunien. Eta zoro moduen jarriko gara ta probatu gendun estixen musturrek sartunde. Zoro moduen jarriko gara ta gozatzen goiza helduko da alkarreri lotuta. Baina orain inork ez zuen kantatzen eta irakasleen ezpainetan ez zen lehenagoko irririk ikusten. Isil-isilik zihoazen denak. Beldur zimiko bat sumatzen zuten bihotzean. Bat-batean, amildegi gaineko bihurgune itxi batera iritsi ziren. Hura ongi hartzeko gidaria maniobratzen hasi zen, baina orain ere, lehengoan bezala gertatu zitzaion. Bazirudien esku ikusezin batek bolantea jiratzen zuela amildegi aldera. - Ezin dut ezer egin! Trabatu da! –garrasi egin zuen txoferrak, desesperazioak jota. Eta horrela, autobusaren aurreko bi gurpilak hutsune zabal hartara sartu ziren. Autobus barruko guztiek batera egin zuten garrasi. Baina alferrik, ordurako autobusa amiltzen ari baitzen. Handik minutu eskas batzuetara autobusak amildegiko hondoa jotzean sortutako burrunba entzun zen, eta horrekin batera, hautsezko eta kezko hodei beltz moduko bat altxatu zen amildegiko hondotik, geroxeago, pixkanaka-pixkanaka desagertzen joan zena. Gero, isiltasuna nagusitu zen hango bazterrez. * * * Handik bi egunetara mendizale batzuek, ustekabean, tragediaren arrastoak topatu zituzten eta Mauleko jendarmeei deitu. Burdin pusken artetik gizagaixo haien gorpuak atera zituzten. Berehalaxe, istripuaren balizko arrazoiak bilatzeari ekin zioten, autobuseko gibel aldean euskaraz idatzitako testuari inolako garrantzirik eman gabe. LANDARBASOKO LEIZE-ZULOAN Errenteriako aduriztarren baserrian ohitura izan da beti tximiniaren inguruan kontu-kontari aritzea. Neguko gau luzeetan, gehienbat, afalosteko orduak beheko suaren berotasunean ematen zituzten hitz eta pitz, garai bateko historiak eta istorioak kontatzen. Batez ere, aitona Mañuel izaten zen horretan aritzen zena. Buru bizkorreko gizona zen, beti kaskoan txapela jantzita zeramana. Baserrian lau biloba zituen, hamasei urteko Jon, hamabost urteko Mikel, hamahiruko Xabier eta hamabiko Miren ttikia. Eta denak maite bazituen ere, neskatila zen haren kuttuna. Hainbeste ordutan kontatutakoa zinez anitza eta aberatsa zen, era guztietako gertakizunak, kondairak eta baita asmakizunak ere. Tartalo, Mari, Sugaar, Basajaun eta horrelakoen inguruko pasadizoak ondo ezagutzen zituzten, baina gehien maite zutena, baserritik berrehun metrotara zegoen Landarbasoko leize-zuloen ingurukoa zen. Hamaika aldiz entzuna zioten arren, ez ziren inoiz hori entzuteaz aspertzen. Eta gainera, hura kontatzean, bere mesanotxetik harri zapal bat ateratzen zuen eta haren laguntzaz kontakizuna azaltzen zien. Harri zapala arbel beltza zen, eta bertan zenbait ikur ezezagunen artean bazen labirinto itxura hartzen zuen marrazki berezi bat. Aitonak kontatzen zuenez, Landarbasoko leize-zuloak kobez eta korridorez osaturiko sare zabal baten zati ziren. Garai zaharretako euskaldunek eginak omen. Bertan baziren sekretu zenbait ongi gordeta, barruan, lurraren sakontasunean kokaturiko areto misteriotsuetan. Harri zapala liburutegi erraldoi batera joateko giltza omen zen. Aitonari bere aitonak emana zen eta bere aitonari haren aitonak. Behin, bilobei aitortu zienez, liburutegi hartan egona zen bere aitonarekin batera. Bilobek ere joan beharra zeukaten familiaren gurpila osatzeko. Berari omen zegokion korridore horietatik barna eramatea, baina osasun txarrak eragozten zionez gero, bilobek egin beharko zuten liburutegirainoko bidea bakarrik. Baldinbetan! Behin eta berriro kontatzen zuenez, duela urte luze, lurrak eta herriak oraingoak ez zirenean, gauez lurra oraingoa ez zen ilargiak argitzen zuenean, ekialdetik etorritako gizon gerlariak azaldu ziren Europan. Gizon haiek ez zuten gupidarik ezagutzen eta suz eta odolez estali zuten kontinente osoa. Ez zuten kultura maite, izadia mespretxatzen zuten, herriak sarraskitzen zituzten… Hori ikustean, garai zahar haietako euskaldunek euren jakituria gordetzea eta iraunaraztea erabaki zuten. Horretarako egin zituzten Pirinioak eta Alpeak lotzen omen dituzten lurpeko galeria eta areto erraldoiak. Horren sare handi zabala izaki, badaude hamar bat sarrera-irteera Europa osoan. Horietako bat Landarbason. Urte luze dira galeria horietatik barrena ez dela inor abenturatzen, behi galduren bat ez bada. Horietako batzuk Landarbasotik sartu eta Nafarroako lurretan atera omen dira. Hori beti jakin eta kontatu izan da eskualde honetan. Baina besterik ez. Aizpitarte izeneko zuloan ere ibili izan dira aurre-historiako margotze paleolitikoak aztertzen, baina kito, inor ez da oraindino sakoneko galerietan sartu. - Egun batean, liburutegi ezkutura sartzen zaretenean, jarrai iezaiozue harri zapalean agertzen den geziari, berak, zuzen-zuzenean, bertaraino eramango baitzaituzte. –esana zien behin baino gehiagotan. Baina, tamalez, tximini ondoko kontakizun haiek bukatu ziren aitona Mañuel laurogeita bost urterekin hil zenean. Herentziaz lau bilobei txapela eta harri zapala utzi zizkien. Jonek, bilobarik zaharrenak, gorde zituen. Handik bost urtetara, lau bilobek bilera bat egin zuten, gurasoei deus aipatu gabe. Haien asmoa zen, udako oporrak baliatuz, aitonak azaldutako liburutegi ezkutura iristea. Gurasoei oinez Aralarreko San Migel baselizarainoko joan-etorriko ibilaldia egitera zihoazela esan eta horren ordez, Landarbasoko zulotik barrena abiatu. Elikagaiak eta hornigaiak erosi eta espedizioa kontu handiz prestatu zuten. Egun aukeratua iritsi zelarik, gurasoez baserriko atarian agurtu eta bideari lotu zitzaizkion. Leize-zulora iristean, kopetan ezartzen diren linterna horietakoak atera, buruan jarri, eta harri zapalak markatutako bideari jarraitu zioten. Jonek, behin eta berriro, harria aztertua zuen, eta ordurako jarraitu beharreko bidea buruz zekien. Han ibili ziren zutik hasieran, makurka gero. Lurrean zeuden botilek edota hormetan margoturiko amodiozko mezuek korridore haiek aski ezagunak zirela zerakusten. Ordu erdi baten buruan, areto moduko batera iritsi ziren. Han, ezker-eskuin, baziren korridore aunitz. Zein zen hartu behar zutena? Geziak markatzen zuen korridorearen ordez, pareta sendo bat zegoen. - Hau ez dago ondo! –bota zuen Jonek ustekabean– Bideak aurrera jarraitzen duela dio, baina hemen horma hau daukagu bidea mozten. - Utzidak harria , Jon! –eskatu zion Mirenek. Jonek harri zapala Mirenen eskuetan utzi zuen eta neskak arreta handiz aztertu zuen. - Begira ezazue! Hemen, bidearen hasieran eguzki moduko ikur bat dago marrazturik. Bila dezagun horrelako ikur bat! –erakutsi zien hiru nebei, atzamarraz eguzki itxura zuen ikurra harri zapalean seinalatuz. Bazterrak ongi miatu ondoren, Mikelek paretaren batean, harriaren izkina batean topatu zuen.Ongi gorderik zegoen. - Hementxe, hementxe dago! Lau anaia-arrebak Mikelek esandako tokira hurbildu ziren eta Mirenek berretsi zuen: - Bai, ikur bera da! Paretan grabaturiko eguzkia bitxia zen, erdiguneko biribila sakona baitzuen. Hura ikustean etorri zitzaion burura Joni aitona Mañuelek askotan esana ziena: - Harri zapal hau beharrezko giltza izanen zaizue liburutegi ezkuturaino iritsi ahal izateko. …eta gogoetatik ateraz, neba-arrebei esan zien harri zapala erakutsiz: - Hauxe da gure giltza! Harria ongi aztertuz gero, izkinetako batean luzapen biribil moduko bat zegoela ikusi zuten. Jonek, gehiegi pentsatu gabe, eguzkiaren erdigunean sartu zuen. Eskularru bat eskuan sartzen dugun modu eroso berean, sartu zen luzapen biribil hura eguzkiaren erdiguneko zuloan. Eta hori egiterakoan, korridorea oztopatzen zuen horma sendoa, emeki-emeki igo zen. Lau gazteek aurrera, hormak libre utzitako korridoretik barrena, jarraitu zuten. Igaro ahala, horma, soinu handirik gabe, euren bizkarrean jaitsi zen. - Eta gero, hemendik irteteko, nola egingo dugu? –galde egin zuen Xabierrek, arrunt ikaraturik. - Lasai! –Mirenek– Hemen harri zapalean beste eguzki bat markatzen dik. –eta bazter ilun batean bilatu ondoren– Begira ezazue! Hementxe dago ateratzeko zanpatu beharko dugun eguzki ikurra. Ez dago inolako arazorik! Dena programatuta dago harri zapalean. Aitonak arrazoia zuen. Harria da korridore hauetarako giltza! Mirenen hitzak entzutean hiru nebek lasaitasun ederra hartu zuten. Gero, Jon buruan zihoala, bideari lotu zitzaizkion, berriro ere. Ordu beteko ibilaldia egin ondoren, korridore haiek gero eta zabalagoak zirela ikusi zuten. - Honek Donostiako hiribidea ematen du! –bota zuen, halako batean, Mikelek. Eta harrigarriagoa zena, korridoreetako hormen, zolaren eta sabaiaren materiala ez zen jadanik ordura arteko harria, hagitz bestelakoa baizik. Erdi metala, erdi kristala zirudien. Argitasun handia ematen zuen, eta ondorioz, buruan zeramatzaten linternak itzali behar izan zituzten. - Hau harrigarria da! Sinestezina! –Jonek, aho zabalik zegoela– Ematen du kanpoan gaudela. Hau argitasuna! Zabalgune batean hamaiketakoa egin ondoren, aurrera segitu zuten. Ordurako, korridoreak ez ziren korridore, zuhaitz eta landare bitxi tropikalez josiriko zabaldietan barrena zihoazen bideak baizik. Sabaia ere, ikaragarri garaia zen, eta kanpo aldeko zeruaren antza hartzen zuen. Erreka baten ondoan, basurde itxurako pizti taldea ikusi zuten, eta zuhaitzetako adarretan baziren txioka ari ziren txori eta hegazti ugari. - Nire begiez ikusten ari naizelako ez balitz, ezinezkoa dela esango nuke! –bota zuen Mikelek, begiak eskuez igurtziz. - Baina,… esna al gaude? –Mirenek. - Amets kolektibo batean gaitun! –erantzun zion Xabierrek arrebari. - Zer amets eta zer amets-ondo! Hau dena erreala da! Jarrai diezaiogun harri zapalak markaturiko bideari. –Jonek, zuhur. Bi ordu beranduago, itsaso moduko batera iritsi ziren. Arrainak jauzika zebiltzan lehorretik gertu. Urruntasunean mendi gailur elurtuak ikus zitzaketen. Sabaia desagertua zen eta gainean zeukatenak zerua zirudien. Eguzki itxurako bat bazen zeru ganga hartan. Itsaso bazterrean bazkaldu eta atseden hartu ondoren, harri zapalak markaturiko bideari jarraitu zioten. Horrela, bost orduko bide luzea egin zuten. Han baziren basoak eta errekak, aintzirak eta mendiak, oihan trinkoak eta ibai zabalak…, eta zerua, edo zelako ganga hura. Harrigarria bazen ere, iluntzen hasita zegoen. Geroxeago, ilargiaren eta izarren itxurakoak goi ilunera agertu ziren. - Baina…! Gu non gaude, lur barruan ala lur azalean? –Xabierrek, ikusten ari zena ezin sinetsirik. - Agian, konturatu gabe, leize-zulotik atera gara! –Mirenek, azalbide logikoa bilatuz. - Ez dinat uste. Bazirudin barruan gaudela! –Jonek. Halako batean… - Begira, begira han! –Mikelek, eskuaz eskuin alderantz seinalatuz– Gizonak dira eta guregana datoz! Gainerakoek burua Mikelek esandako tokirantz biratu zuten eta beraiengana hurbiltzen ari ziren hiru gizonak ikusi. Berehalaxe haien ondoan zeuden. Arropa bitxi dotoreak janzten zituzten. - Gau on! –esan zien hiruetako zaharrenak nafar kutsuko euskara eder batez– Mañuel Adurizen bilobak al zarete? –jarraitu zuen gero, eta gazteen baiezko erantzuna entzuterakoan– Aspaldian ginen zuen zain! –jarraitu zuen. - Gure zain, diozu? –Mirenek, urduritasuna ezin ezkutatuz. - Bai, zuen aitonaren aitona hemen izan zen gurekin eta baita aurrekoaren aitona ere. Belaunaldiz belaunaldi kontaktua mantendu dugu zuekin. Zuek bakarrik falta zineten zikloari amaiera emateko. Zuek zarete guregana etorri beharreko azken aduriztarrak. Hemendik aurrera kontaktu hau ez da beharrezkoa izanen. –ihardetsi zion gizon zaharrenak. Anaia-arrebak isildu ziren gizon haren hitzak ezin ulertuz. Isilune baten ondoren, Jonek galde egin zion: - Galdera bat egin behar dizuet. Gizonak, burua goitik behera mugituz, galdera egiteko gonbitea egin zion. - Non gaude, lur barruan ala lur azalean? –segitu zuen Jonek. - Zuen zientzien arabera barruan, baina jakin behar duzue hori ez dela erreala, benetan, unibertso paraleloen eta zulo dimentsioanizdunen izatean barrua eta kanpoa nahasten baitira. Gauza bera dira, alegia. – Gizonak erantzun. Jon eta gainerako senideak lehen bezala gelditu ziren, hau da, gizon haien adierazpenak bat ere ulertu gabe. Hiru gizonetako beste batek, eskuaren mugimendu baten bidez, haien gibeletik joateko agindu zien, eta horrela egin zuten. Animaliez betetako oihan sakon batera sartu ziren, hura zeharkatu zuten hamar bat minutuz, eta horrela iritsi ziren esfera erdi baten itxura zuen eraikinera. Han baziren pertsona gehiago beraien zain. Mahai luze eta zabal baten inguruan esertzeko eskatu zieten. Han baziren hamar bat gizon-emakume eserita. Bidean topatutako hiru gizonak ere bertako jarlekuetan eseri ziren. Mahaiburuan bazen emakume eder bat, denon burua ematen zuena. Denak esertzean hitza hartu zuen. - Ongi etorri, lagunak. Denbora luze zain izan gaituzuen arren, bagenekien etorriko zinetela. Joana IV.a nauzue, intramunduko euskaldunen erregina. Baina hitz dezagun solasa gerorako, eta afal dezagun. Hori esan bezain pronto, alboko ateetatik ateratako neska-mutil gazteek afaria zerbitzatu zieten. - Begira ezan Miren! Hemen denetik zagon! –Xabierrek, mahai gainean ikusten zuenak liluraturik. - Bai mutil, Arzaken jatetxean gaudela zirudik! –Mirenek, mahai oparo hura harritasunez begiratuz. Gau hartan, jan eta edan gogotik egin zuten. Afalostean, logela apain garbietara eraman zituzten. - Bihar goizean hitz egingo dugu! –agindu zien erreginak agurtzean. Hurrengo egunean, goiz-goizean, gosaltzeko esnatu zituzten. Horretan ari zirela, emakume misteriotsu hura azaldu zitzaien. - Egun on lagunak! Ongi egin al duzue lo? Lau anaia-arreben baiezko erantzuna entzun ondoren, haren gibeletik segitzeko eskatu zien. Korridore zabal batetik barna eraman zituen eta berehalaxe piramide itxura zuen eraikin erraldoi batera sartu ziren. Hura zen aitona Mañuelek aipatutako liburutegia. Ikaragarri handi zabala zen, eta liburuz gainezkaturiko apalez beteta zegoen. Milioika liburu zeuden. Arlo guztietakoak eta diren eta izan diren hizkuntzez idatzitakoak. Aretoz areto eraman zituen papiroz eta pergaminoz betetako areto ikaragarri zabal batera iritsi ziren arte. Areto erdian bazen aldare moduko bat eta bertan bazen euskaraz idatzitako urrezko liburutzar bat. Axularren Gero idazlanaren bigarren liburukia zen, gaurko Euskal Herrian galdutzat ematen dena. - Atzo aurreratu nizuen bezala –erreginak, azalpenak eman nahian– zuek zarete hona etorriko zareten azken aduriztarrak, hemendik aurrera ez baitugu kontaktu honen beharrik izango. Aro berriaren ateetan gaude. Inperioak eroriko dira laster, materialismoan oinarrituriko ideologiak desagertuko, izadiak bere balioa berreskuratuko du aurki, pertsona eta herri libreen tenorea hurbil daukagu, Euskal Herri berri, aske eta euskaldun bat berehala gauzatuko da. Planeta osoa indarberrituko da. Lau gazteak harrituta zeuden, ez zioten gauza handirik ulertzen. Bitartean, emakumeak erdiguneko aldarean zegoen urrezko liburutzarra zabaldu zuen eta ozenki irakurtzeari ekin zion: - Lur barneko euskal mundura etorritako lur azaleko euskaldunek kanpo aldeko Euskal Herrira eramandako Biziaren Zuhaitza igaliz betetzen denean, aro berriaren garaia izanen da, biziaren eta naturaren aldeko iraultzaren tenorea. Euskal Herrian hazitako zuhaitzak babesa eta askatasuna hedatuko ditu mundu osoan zehar. Eta gero, lau anaia-arrebei begira, galde egin zien: - Ulertu al duzue? Lau gazteek burua esker-eskuin mugituz ezezko erantzun isila eman zioten. Orduan, erreginak lorategi eder batera eraman zituen. Han hamaika zuhaitz ederren artean, bazen ezagutzen ez zuten zuhaitz sendo, lerden eta garaia. - Hauxe da biziaren zuhaitza, gure munduan bakarra. Axularrek landatu zuen euskaldunon intramunduan bere itzala berreskuratu ondoren. –eta gehiago esan gabe, eskuan zituen guraize handiak erabiliz, adaxka bat moztu eta Mirenen eskuan jarri zuen– Hartu, eraman ezazue zuekin kanpo aldeko Euskal Herrira. Landa ezazue zuen baserriko lurretan, berehalaxe haziko zaizue-eta. Eta ez ahantzi! Igaliz betetzen denean aro berriaren tenorea izanen da. Orain zoazte etorri zareten bidetik, lur barneko euskaldunok aro berriaren zain gaude-eta. Zoazte eta Axularren itzalak babes gaitzan! Eskatu bezala egin zuten. Bide beretik itzuli ziren. Itzulbidean harri zapala izan zitzaien, berriro ere, gida eta giltza. Harri zapalaz zabaldu zuten korridorea oztopatzen zuen hormatzarra eta horrela, inongo arazorik gabe, Landarbasoko leize-zuloko ahora iritsi ziren. Baserrira iritsi orduko barneko euskal mundutik ekarritako adaxka landatu zuten erreka ondoko lur emankorretan. Orduz geroztik, hamabost urte igaro dira, eta dagoeneko, biziaren zuhaitza handi samarra dago. Aurten, lehen aldiz, usain goxozko igali bitxi gorri bat eman du. Axularren bigarren liburuan aipatzen zen aro berrirako seinalea ote?
I – LONG ISLAND Ez zuen burua hautsi Long Island izena asmatu zuenak, uharte luze bat baita Long Island. 190 km-ko luzera dauka irlak, New York hiriko portutik hasita, mendebaldean, eta Montauk herriraino, irlaren ekialde muturrean. Zabaleraz ordea gehienez 32 km besterik ez du neurtzen. New York estatuan dago Long Island eta Manhattan irlatik East River delakoak besterik ez du banatzen. Izan ere, New York hiriko bi distritu, Queens eta Brooklyn, Long Island uhartean daude, irlaren mendebaldeko muturrean. Hau dela eta, Long Island irla oso populatu bat dela ematen du, baina populazio osoaren bi heren distritu hauetan bizi dira, azaleraren seiren bat inguru baino besterik ez direnak. Hauen ekialdera, beste bi konderri daude Long Islanden, Nassau, Queensen parean, eta Suffolk, irlaren ekialdean. Azken hau da Long Islandeko konderri luzeena eta zabalena, eta populazio dentsitate txikiena daukana. Populazioak mendebaldeko konderrietako dentsitatea ez izateaz gain, haien aniztasuna ezta ere ez dauka: zuria da populazioaren %85a Suffolken eta katolikoa nagusiki. “zurien migrazioa” izeneko fenomenoa gertatu zen Suffolken 70 eta 80ko hamarkadetan, alegia, Manhattan eta Brooklyneko arraza zuriko biztanleak handik alde egin zuten kaleko krimenetatik ihes eta Suffolken amaitu zuten. Lau bazterretik hirutan itsasoak inguratua egonik eta muga bakarra izanik, Nassaurekin mendebaldean, konderri isolatuena, bakanena de Suffolk. Eta isolamendu eta bakantasun hauek kontatzera goazen gertakariak bultzatzen eta babesten lagundu zuten. “Badia” izeneko eremu zingiratsu batzuk, irlez zipriztinduta daudenak, Long Islandeko orografiaren ezaugarri berezi bat dira. Batez ere Nassau eta Suffolk konderrien hegoaldean dauden Great South Bay, Oyster Bay eta Jamaica Bay izeneko zingira hauek, Ozeano Atlantikotik irla estu eta luze batzuez banatuta edo babestuta daude, “barrier island” izenekoak, dike edo kai-mutur natural batzuen antzekoak direnak. Ekialdeko bi konderrietako lurzoruaren zati handiak gainera babestutako parke naturalak dira. Pinudi eskergak daude Suffolken, “Pine Barrens” izenekoak, jenderik gabeko ehunka kilometro koadro estaltzen dituztenak. Atlantikora zabaltzen diren hondartza estu, luze eta bakartiak, eta uharteko baso zein parkeak, New York hiriko biztanleek eskura daukaten iheslekua dira, hiriko jendetza eta zurrunbilotik ihes egin eta naturan une batez murgildu nahi dutenean. Udan batez ere, guztiontzat ezaguna baita Manhattan irlako aberatsek Hamptons izeneko eskualdean uda igarotzea gustukoa dutela, bertan, Suffolk konderriko hegoekialdean, dauzkaten luxuzko etxebizitzetan. Baina Long Island irlatik irten gabe ere, Brooklynen bizi den edonorentzat, Nassau eta batez ere Suffolkeko hondartza amaiezinak eta etxerik nahiz jenderik gabeko baso zabalak, munduaren azkenaren antzeko zerbait dira, auto bidaia labur batera besterik ez dagoena. Bero eta umelak dira udak Long Islanden, baina New York hirikoak baino askoz ere jasangarriagoak, eta hortaz udatiar ugari erakartzen dute. Neguak, ostera, hotzak dira, gordinak. Elurra urtero ikus daiteke, baina gainera, maiz, ekaitz bortitzak pairatzen dituzte, 30 eta 60 cm bitarteko elurteak dakartzatenak. Urakanak ere behin baino gehiagotan iritsi dira Long Islandera. Negu garaian, berez bakarti diren eremu naturalak –“barrier island”-etako hondartzak, pinudi zabalak-, basamortu ilun eta oldarkor bihurtzen dira. Hondartzak ez dira helmuga, igarobidea baizik. Nork nahiko luke hondartzara joan Atlantikoko haize zakar izoztua pairatzeko? Eta basoak zeharkatzen dituzten errepideetan norbait sartuko balitz, bide okerra hartuta-edo, erraz galduta amaituko luke, zeharbide gehienek ez baitute inora eramaten, basoan barrena sartu eta bertan bukatu baizik. Newyorktarren batek desagertu nahiko balu, hemen izango luke lekurik egokiena. Edo norbait desagerrarazi nahiko balu. Klima honek eta, batez ere, deskribatu dugun orografiak zeresan handia izango dute kontatzera goazen gertakizunetan. Kai-mutur irlen izaera bakartia, haien pasabide edo zubi natural itxura, inor gelditzen ez den leku bat izatea, eta hauen iparraldean dauden badien izaera zingiratsua, padurazko paisaia, begetazio itxi eta oldarkorrez estalitako padurak, kontatuko dugun istorioaren pertsonaia bat bihurtzen dute paisaia, gertatutako guztian eragin esanguratsua izan zuena. Zeren, Long Island irla honetan, hamabost edo hogei urtez serieko hiltzaile bat aritu da, gutxienez hamar biktima eragin dituena, hamalau edo hamabost ere ez badira izan. Eta oraindik ere ari da, agian, egun ez baita susmagarririk atxilotu edo salatu. II – 1990-1996: JOEL RIFKIN ETA ROBERT SHULMAN Serieko hiltzaile honek, oraindik aurpegi zein izen jakinik ez badauka ere, izengoitiak badauzka, bat baino gehiago; hari buruz eta haren krimenen ikerketari buruz asko idatzi baita azken urteotan eta nolabait deitu behar zitzaion. “Craigslisteko hiltzailea” bezala ezaguna da edo baita “Gilgo Beacheko hiltzailea” bezala, geroago jakingo ditugun arrazoiengatik, baina izengoiti hedatuena “LISK” da, Long Island Serial Killer esapidearen akronimoa. Asko idatzi eta mintzatu da LISK eta bere krimenen inguruan, esan dugunez, bai idatzizko hedabideetan, bai telebistako erreportajetan edota Interneteko agerkari eta foroetan. Liburuak idatzi dira eta Netflix ahaltsuaren eskutik ekoitzitako film bat ere plazaratu da 2020an. Bada, LISKen hilketen inguruko errelato hauek guztiek, beti, 2010eko apirilaren 30eko gauean hasten dira, orduan Shannan Gilbert izeneko emakume gazte bat desagertu baitzen Long Islanden, eta honen bilaketak hiltzaile bakar baten biktima omen ziren hainbat gorpuren aurkikuntzara eraman baitzuen. Baina ziurrenik, egun dakigunagatik, Shannan Gilbert bera ez zen LISKen biktima bat izan. Horrexegatik, haren heriotzaren kausa oraindik zehaztugabe dagoela ahaztu gabe, eta haren sendiaren eskaera eta aldarrikapenek beste biktimen aurkikuntzan eta LISK beraren azaleratzean izan zuten garrantzia aintzat hartuta ere, nahiago dugu Shannan Gilbert narrazioaren abiapuntu edo erdigune ez izatea. Izan ere, LISKen krimenak 2010eko udaberri gau hura baino lehen hasi ziren. Nahiko lehenago. Hamabost urte lehenago, agian. Baina garai hartan, 90 hamarkadaren bigarren erdian, Long Islandeko bizilagunek ezin zuten susmatu beraien artean serieko hiltzaile bat zeukatenik. Beste serieko hiltzaile bat, hobe esanda. Geroago LISK izenarekin ezagutuko zena ez baitzen Long Islandeko lehen serieko hiltzailea. Ezta bigarrena ere. … 28 urte baino besterik ez zeuzkan Dave Rubinsteinek 1993an, baina bere arrakasta handieneko urteak joanak ziren ordurako. Laurogeiko hamarkadan, taldekide guztiak oraindik institutuan zeudela, “Reagan Youth” punk taldearen abeslari bezala nahikoa sona lortu zuen. Ez zuten mundu edo nazio mailako arrakastarik lortu, ezta dirurik irabazi, baina haien abestiak, haserrea eta umorea biltzen zituztenak, Reaganen eskuin muturreko politikekin oso kritikoak, entzutetsuak izan ziren musika alternatiboaren zirkuituan. “Reagan Youth” 90ko hamarkadaren hasieran desegin zen. 1993an Rubinsteinek ez zeukan lanbiderik ezta diru sarrera finkorik, baina bere heroina adikziora lotuta jarraitzen zuen. Tiffany Bresciani bere neska lagunak mantentzen zuen bikotea –biak ziren heroina adiktuak- prostituzioan eta stripper bezala lan egiten. New Yorkeko Allen kalean zeuden Dave eta Tiffany ekainaren 24an, bezeroren bat noiz agertuko zen zain, Mazda pick up bat haien alboan gelditu zenean. Ohiko bezero bat zela esan zion Tiffanyk Daveri eta bertan itxaroteko, hogei minutuan itzuliko zela. Hogei minutu baino askoz denbora luzeagoa igaro zenean eta Tiffanyri zerbait gertatu behar izan zitzaiola sinetsita, poliziarengana jo zuen Davek eta desagerpena salatu. Lau egun geroago, ekainaren 28an, estatuko errepide polizia auto batek atzeko matrikula ez zeraman Mazda pick up bat begiztatu zuen Long Islandeko South State autobidean. Segika hasi zitzaizkion eta gelditzeko keinuak egin, baina furgonetak aurrera jarraitu eta abiadura handitu zuen. Polizia autoak atzetik jarraitu zion eta 150 kilometro orduko abiadurak erdietsi zituzten. Furgonetak zutoin baten aurka talka egin zuenean amaitu zen pertsekuzioa. Gidaria eskuak buru gainetik altxatuta irten zen autotik, atxilotuko zutela jakitun. Poliziak hurbildu zirenean, furgonetaren atzeko aldetik kiratsa zetorrela sumatu zuten, eta bertan begiratzean Tiffany Brescianiren gorpua aurkitu zuten, usteltzen. (Ekainaren 30ean, Tiffanyren gorpua aurkitu eta bi egunetara, Dave Rubinsteinen ama hil zen, istripu ergel eta latz batean, haren senarrak (Daven aitak) gidatutako auto batek zapalduta. Hiru egun geroago, uztailaren 3an, Dave Rubinsteinek bere buruaz beste egin zuen heroina gaindosi bat hartuta.) Joel Rifkin zen hiltzailea, 31 urteko arotz bat, Nassau konderriko East Meadow herrian bizi zena, bere ama alargun eta arreba gaztearekin. Behin polizia etxean, arratsalde hartan bertan, hamazazpi hilketa aitortu zituen Rifkinek. Prostituzioan lan egiten zuten emakume gazteak ziren bere biktima guztiak. Kalean bere autoan jasotzen zituen eta haiekin sexu harremanak izan ondoren itoarazten zituen. Gero, eskuak edo besoak mozten zizkien, identifikazioa eragozteko, eta gorpuzkiak leku ezberdinetan sakabanatzen zituen. Hainbeste ezkutatzen zituen, ezen hark aitortutako hilketa batzuen biktimak ez diren inoiz aurkitu; eta bere lehen biktima, nahiz eta gorpuzkiak aurkituta eta identifikatuta egon, ez zen jakin Rifkinek aitortutako biktima bat zenik 2013ra arte. Bederatzi hilketengatik kondenatu zuten Joel Rifkin –nahiz eta berak 17 aitortu-, 203 urtetik bizitza osorainoko kartzela zigor batera. Agian Joel Rifkin izan zen Long Islandeko lehenbiziko serieko hiltzailea eta, horrenbestez, berak eraman beharko luke LISK izena, baina haren izena, aurpegia eta bestelako nondik norakoak mundu guztiarentzat ezagunak bihurtu ziren unetik, ez zen izengoitirik behar haren krimen lazgarriei buruz hitz egiteko. … Rifkin kartzelan zegoela jada, 1994ko abenduan, Nassau konderriko herrilan langile batzuek berri zegoen zaborrontzi bat topatu zuten errepide ertzean jausita. Bertara hurbiltzean emakume baten gorpua aurkitu zuten haren barruan. Plastikozko poltsez estalita zegoen gorpua eta burua eskuohial zuri batez. Aurpegi zein buruan kolpe bortitzen aztarnak zeuzkan, heriotza eragin omen ziotenak; ezkerreko hanka belaunetik gora moztuta zeukan eta bi besoak ere ebaki zizkioten. Tatuaje bat zeukan ezkerreko besoan, bihotz bat eta “Adrian” hitzarekin, baina ezaugarri nabari honen bidez ezta ere ez zuten inoiz identifikatu. 1995ko apirilean Brooklyneko birziklatze lantegi bateko langileek beste emakume baten gorpua aurkitu zuten, aurpegian kolpe itzelak erakusten zituena hau ere; hankak falta zitzaizkion eta besoak moztuta zeuzkan. Tatuaje txiki bat ere bazeukan eta Lisa Anne Warner zela identifikatu zuten. Urte bereko abenduan, Suffolk konderriko Melville herriko gizon batek loteria txartel bat galdu zuela konturatu zen eta, zaborrarekin batera bota ez ote zuen beldur, zaborrontzian bilatzen hasi zen. Emakume baten gorpua topatu zuen, lo zaku berri baten barruan. Aurpegia kolpez desitxuratua hau ere. Eskuak moztu zizkioten identifikatua izan ez zedin, baina bularrean “Melani” zioen tatuaje bat zeukan. Suffolkeko poliziek, anonimoki jasotako aztarna bati segika, azken biktima hau Kelly Sue Bunting izeneko prostituta bat zela jakin zuten, Queenseko Jamaica Boulevardean lan egiten zuena. Haren lankideek esan zietenagatik, gizon zuri batek gidatzen zuen Cadillac urdin batera igotzen ikusi zuten “Melani” azken aldiz. Are gehiago, Cadillac urdineko gizona ohiko bezeroa zela azaldu zieten prostitutek poliziei, Hicksville herriko etxe batera eramaten zituena prostitutak eta haiekin crack erretzen zuena sexu harremanak izan baino lehen. Etxeraino bertaraino gidatu zuten prostitutek polizia eta etxe aurrean, jakina, Cadillac urdina zegoen. Bitartean gorpua biltzen zuen lo zakua Sears dendan soilik saltzen zela jakin zuten ikertzaileek eta, bertan galdeginez, Cadillacaren jabeak ez zeukala kreditu txartelik esan zieten baina helbide berean bizi zen haren anaiak bai. Anaia bien argazkiak atera eta lekukoei erakutsiz, guztiek Robert Shulman –autoaren jabearen anaia- identifikatu zuten Cadillac urdineko susmagarria bezala. Suffolkeko poliziak 1996ko apirilean atxilotu zuten 42 urteko Robert Shulman, postari bezala lan egiten zuena. Polizia etxean Shulmanek hiru emakumeak bere etxera eraman zituela aitortu zuen, haiekin crack erre zuela, horren ondorioz konortea galdu zuela eta esnatutakoan hilda aurkitu zituela. Hiru kasuetan gauza bera. Lehenengo bi hilketengatik bizitza osorako kartzela zigorra ezarri zioten Shulmani 1999an; baina azkenekoagatik heriotza zigorra ezarri zioten, Kelly Sue Bunting hil zuenean New Yorkeko estatuan heriotza zigorra berrezarria baitzegoen. 2000. urtean kartzelan zegoela, heriotzaren korridorean, beste bi emakumeren hilketa aitortu zuen Shulmanek: Lori Vasquez izenekoarena, 1991ko abuztuan, bere lehen biktima izan zena, eta sekula identifikatu ez zuten beste batena 1992ko ekainean. Shulman ez zuten exekutatu, heriotza zigorra legez kanpokoa jo baitzuen New Yorkeko Auzitegi Gorenak 2004an, baina 2006an kartzelan hil zen. … Bi serieko hiltzaile Long Island uhartean, 21 hilketa aitortu sei urteko epean. Prostituzioan aritzen ziren neska gazteak guztiak. Baina bi serieko hiltzaile haien atxiloketen ondoren ere gorpuak eta gorpuzkiak agertzen jarraitu zuten Long Islandeko hondartza eta basoetan. Izenik gabe haietako asko, haien hiltzailea bezala. III – 1996-2003: PEACHES, CHERRIES ETA BESTE JANE DOE BATZUK 1996ko apirilaren 20a zen, Robert Shulman bi aste lehenago soilik atxilotu zuten, bikote bat Blue Point hondartzan paseatzen zebilen, Fire irlan, Long Island hegoaldeko barrier island izenekoen artean ezagunenean, itsasoak hondartzara jaurtitako zabor poltsa bat aurkitu zutenean. Haren barnean bi hanka zeuden. Emakume zuri batenak ziren, 18 eta 50 urte artekoa –ezin zen gehiago zehaztu hain aztarna gutxirekin-, behatz guztietan laka gorriren aztarnak zeuzkan eta ezkerreko orkatilan ebakuntza baten orbaina. Haren pisua, altuera, ile eta begien kolorea… ezin asmatu. Biktima ez zuten identifikatu eta Fire Islandeko Jane Doe bezala ezagutzen da –Jane Doe identifikatu gabeko emakumezkoen gorpuak izendatzeko erabili ohi den izena da, gizonezkoen kasuan, John Doe da erabiltzen dena-. Biktimen gorpuak zatikatzea eta gorpuzkiak sakabanatzea, bai Joel Rifkinen eta bai Robert Shulmanen modus operandirekin bat zetorren. Rifkinek aitortu baina identifikatu ez ziren biktimetako bat ote zen Fire Islandeko Jane Doe? Edo Shulmanek aitortu gabeko biktima bat ote zen? Edo serieko hiltzaile bi haien urratsak jarraitzen zituen besteren bat ote zegoen Long Islanden? … Long Island mendebaldeko konderrietatik irten gabe, Nassau konderriko Hempstead Lake estatu parkean, 1997ko ekainean, semearekin paseatzen zebilen gizon batek beste aurkikuntza beldurgarri bat egin zuen. Bide bazterrean zegoen zaborrontzi berde batean arraza beltzeko emakume baten gorpuzkiak topatu zituzten aita-semeak. Gorputz enborra, besoak, burua eta hankak -belaunetatik behera moztuta- zeuden zaborrontzian, eskuohial gorri bat eta lore irudidun kuxin batekin batera. Ikerlariek esan zutenagatik, 16 eta 30 urte artean zeuzkan biktimak, zesarea baten orbaina sabelean eta ezkerreko bularrean bihotz itxuradun mertxika baten tatuajea. Hiru egun omen zeramatzan hilda aurkitu zutenean. Ez zuten identifikatzea lortu eta hortaz “Peaches” –mertxikak- izena jarri zioten, tatuajeagatik. … Long Island hegoaldeko hondartza luze eta estuak bakartiak badira, Suffolk konderriko pinudiak munduaren amaiera dirudite Manhattan edo Brooklyn bezalako hiri auzo jendetsuetan bizi direnentzat. Halsey Manor errepidea pinudi hauetako nagusiaren mendebaldeko ertzean zehar doa, Central Pine Barrens izenekoa. Etxe gutxi daude haren inguruan, etxaldeak haietako batzuk baina kolonial estiloko jauregitxoren bat ere badago, zeinaren atzeko aldea baso itxira ematen duen. Isila da guztia. Bizitza basatiaren hotsak baino besterik ez dira entzuten, eskola autobus baten motorra noizbehinka eta tiro-leku urrun baten zaratak. 1968tik erabiltzen ez den trenbide baten parean doa errepidea. Errepidearen desbideratze eskasek irtenbiderik gabeko bideetara daramatzate edo basoan barnerago. Trenbidearen paretik aldentzen dena, ezerezaren erdian edo galduta amai dezake, eta hau, bertakoek diotenagatik, maiz gertatzen da. Iluna eta beldurgarria gerta daiteke Halsey Manor bidea gauez, ingurua ezagutzen ez duen norbaitentzat. Eta basoan apur bat barneratuz gero, errepidea bera ere ez da ikusten. New York hiritik datorren bati ez ezik Long Islandeko norbaiti ere, inork sekula begiratuko ez duen leku batean pentsatuz gero, inguru hauek datozkio burura. Bada, Halsey Manor errepide honen inguruan, 2000. urteko azaroaren 19an, emakume baten gorpua aurkitu zuten, zatikatua eta plastikozko poltsetan sartua. Burua, eskuak eta eskuineko oina falta ziren gorpuzkien artean. Orkatilan tatuajeren bat edo identifikazioa erraztuko zuen bestelako ezaugarriren bat izan behar zuela susmatu zuen poliziak. 30 urte inguru izan behar zituen hildakoak, ile marroiduna omen zen, eta hiru aste zeramatzan hilik aurkitu zutenean. Ez zuten une hartan hildakoa identifikatu, ezta handik gutxira ere. Ageriko hilketa baten biktima zen emakume hura identifikatu arte denbora luzea igaroko zen. Arras luzea. Lau egun besterik ez ziren igaro aipatutako aurkikuntza ikaragarria gertatu zenetik, ehiztari talde batek Halsey Manor inguruko pinudietan gizonezko baten gorpua aurkitu zuenean. Hogeita piku urte izan behar zituen, latinoa zen eta ile beltzduna. Iduneko hezurrak puskatuta zeuzkan, itoarazi zutela adierazten zuena. 2003an, udako larunbat goiz batez, Halsey Manor errepide honetan zehar txakurrarekin paseatzen zebilen emakume batek bidea utzi zuen, basoan sartzen zen bide bat hartzeko. Bide ertzeko belarren artean jendeak botatako zaborrak zeuden eta pilatutako egur zatiak baita. Egur pilo hauetako baten gainean, 2003ko uztailaren 26an, emakume hark eta haren txakurrak emakumezko baten gorpu biluzia aurkitu zuten. Burua eta eskuak falta zitzaizkion. Beste nonbait hil zuten emakumea eta gero bertan bota zuten bere gorpua. Hilotzak bizkarraren eskuin aldean tatuaje bat zeukan, labanaz eragindako hainbat zauriek gurutzatuta. Denbora luzez saiatu omen zen norbait tatuajea ezabatzen. Forentsea azala berreraikitzen ahalegindu zen tatuajea zer ote zen asmatzeko. Azkenik bihotz gorri bat zela jakinarazi zuten, “Remy´s Angel” hitzekin eta aingerutxo batekin ere. Sei hilabete geroago, Washingtoneko polizia batek aurkitutako hilotzaren eta tatuajearen berri izan zuen, eta Jessica Taylor izeneko emakume baten desagerpenaren salaketarekin bat zetorrela jabetu zen. New Yorkekoa zen Jessica eta Manhattaneko kaleetan prostituta bezala aritzen zen. Port Authority autobus geltokitik hurbil lan egiten ikusi zuten azken aldiz, haren hilotza aurkitu baino aste bat lehenago. Haren adiskide zen beste prostituta batek salatu zuen Jessicaren desagerpena. Hiru hilabete geroago, 2003ko azaroaren 10ean, perretxiko bila zebilen sendi batek beste gizonezko zuri baten hilotza aurkitu zuten baso berean. Lau hilabete zeramatzala bertan esan zuen forentseak, eta 35 eta 50 urte artean zeuzkala hil zutenean. Lau gorpu epe labur eta inguru murritz batean. Laburregi eta murritzegi. Hiltzaile bakarraren biktima ote ziren guztiak edo Long Islandek hilotzak desagerrarazteko leku egokiaren sona hartua zuen? Hori uste zuten inguruko bizilagunek: Suffolk konderriko basoak New Yorkeko mafiaren zabortegia bilakatu zirela. Hauen aurretik ere, aspaldidanik heriotza bortitzen biktima izandako gorpuak aurkitu zituztela inguruetan kontatzen zuten bizilagunek, eta haietako batek, esaterako, bala zauri sendatuak zeuzkala. Edonola, lau hildakoen heriotzen artean harremanik ote zegoen jakin gabe ere, haien hilketen artean ezberdintasunak eta ezaugarri komunak zeudela agerikoa zen, eta Internet bidezko detektibe amateurren foroetan nabarmentzen zituzten: emakumezko biak mutilatuta aurkitu zituzten eta Long Island autobidearen iparraldean –Halsey Manor zeharkatzen duena zubibide baten bidez-; gizonezko biak, ordea, autobidearen hegoaldean eta osorik. Litekeena zen gizonezko biak mafiaren edo bestelako gaizkile talderen baten biktimak izatea, baina emakumezkoen gorpuek bestelako hiltzaile baten biktima ziruditen. Are gehiago Jessica Taylor identifikatu zutenean eta bezero batekin desagertu zen prostituta bat zela jakin zenean. Beste serieko hiltzaile bat, hirugarrena, ote zegoen Long Islanden? Berriz ere, bizilagunek ezetz uste zuten, bertako norbaitek leku hobeagorik ezagutuko lukeelako gorpu bat ezkutatzeko, baso barnean eta ez bide bazterrean etxebizitzetatik hain hurbil. … 2007an James Dolan Cablevisionen, orduan EEBBtako telebista katerik garrantzitsuenetako bat zenaren, CEO zen, hots, exekutibo nagusia. Etxe bat eta lur alor bat zeuzkan Dolanek orduan Suffolken, bere hondartza propioa ere bazeukana, Oyster Bayn. Bada, Dolanen hondartza pribatu honetara, 2007ko martxoaren 28an, urak hanka bat eta oin bat bota zituen. Egun bat lehenago, gorpu beraren beste hanka eta oina Suffolkeko Cold Spring portuan aurkitu ziren harrien artean. Biktimaren gorputz enborra, labankadaz josita, Mamaroneck hondartzan aurkitua zuten hilaren 3an, itsasoak hondartzara jaurtitako maleta baten barruan. Ikerlarien txostenaren arabera, emakume latino bat omen zen, edo azal argiko arraza beltzekoa, 1,75m altuera zeukan eta 90 edo 100 kg pisatzen zituen. Bi aste zeramatzan hilik aurkitu zutenean. Datu gehiago jakinarazi zituen poliziak: alkandora gorri bat zeraman aldean, gaztelaniaz idatzitako etiketa bat zeukana, Champion markako jertse ubel bat, Voice markako elastiko bat eta bularretako urdin bat. Tatuaje bat zeukan honek ere, eskuineko bularrean, bi gerizena. Maleta barruan egutegi batetik hartutako paper zati urratuak aurkitu ziren, gaztelaniazko zenbakiak idatzita zeuzkatenak. Maleta bera, Wal-Marten soilik saltzen zen marka batekoa zen. Baina datu hauekin guztiekin ere, ezin izan zuten biktima identifikatu. Orain arte aipatu ditugun hainbat biktimen kasuan bezala, honetan ere, nahiz eta biktimaren DNA eduki eta baita haren hortzak edota atzamar aztarnak ere, ez zegoen zerekin erkatu. “Cherries” –gerizak- ezizenarekin ezagutzen dute oraindik ikertzaileek edo Mamaroneck-eko Jane Doe bezala. … Suffolk konderritik irten gabe, 2008ko ekainaren 27an, Newbridge errepidearen alboan beste emakume baten gorputz enborra aurkitu zuten, maleta baten barruan oraingoan ere. Kasu honetan gorpua identifikatu ahal izan zuten eskuak gorputzarekin batera aurkitu zirelako, eta hildakoaren hatz aztarnak poliziak erregistratuta zeuzkalako aurretiko atxiloketa batean. Tanya Rush zen hildakoa, 39 urte zituen, Brooklynen bizi zen eta hiru seme-alaba zeuzkan. … Jessica Taylor eta Tanya Rush, bi izen soilik, indarkeriaz hildako hainbeste hilotz izengaberen artean. Jessica eta Tanyaren senide eta adiskideek sekulako atsekabea jasoko zuten haien heriotzen berri jakin zutenean, baina behintzat haiei gertatu zitzaiena jakin zuten eta dolua igarotzeko aukera izan zuten. Eta beste guztiak zer? Nortzuk dira, nondik datoz? Haiek ere senitartekoak eta lagunak izango zituzten, zer gertatu zaien ez dakitenak. Peachesek zesarea baten orbaina zeukan, hortaz, seme edo alaba bat izan behar zuen bere amaren berririk ez zeukana. Zergatik izenik, aurpegirik, bizitzarik gabeko hainbeste hilotz? Hasteko, hiltzaileek zantzuak nola ezabatu bazekiten. Eskuak eta burua moztea gorpu baten identifikazioa eragozteko modu bat da. Poliziak horrela ezin du bere erregistroetan hildakoaren hortz edo atzamar aztarnak kontsultatu. Hildakoaren aurpegia, tatuaje berezi bat, arroparen bat edo identifikazioan lagun dezakeen bestelako daturik izanez gero ere, identifikazioa ez da errazten, aipatutako kasuek berresten duten bezala. Holakoetan lekuko hedabideetan albistea eta argazkiak plazaratzen dira, baina hildakoa ezagutzen duen norbaitek ikusi behar ditu eta kasualitate handiegia da hori. Long Islanden kasuan, esaterako, Brooklynen bizi den norbaitentzat Nassau edo Suffolk urrunegi daude nahiz eta minutu gutxiko auto bidaia bateko distantziara egon. Brooklyndar batez ez ditu sekula leku haietako albistegiak entzun edo ikusiko. Gainera krimenen ikerketa eragozteko beste modu anker bat erakusten dute hiltzaile hauek: biktimen aukeraketa. Jessica Taylor prostituta bezala lan egiten ari zen desagertu zenean eta Tanya Rush ere noizbehinkako sexu langilea zela jakin zen. Joel Rifkin eta Robert Shulmanek sexu langileen artean aukeratu zituzten euren biktima anitzak, kalean lan egiten zutenen artean zehazki. Rifkinek berak onartu zuen prostitutak biktima egokiak zirela, jendartearengandik aldenduta bizi zirelako eta haien sendietatik ere. Senideei euren bizimodua ezkutatzen diete, non dauden edo norekin maiz ez diote inori esaten. Rifkinen hitzetan, sei edo zazpi hilabetez desagertzen badira ere inork ez du haien falta sumatzen. Ez hori bakarrik, norbaitek polizian sexu langile baten desagerpena salatu nahi badu, haien bizimodua eta ohiturak nolakoak diren jakinik, maiz poliziak eragozpenak jartzen ditu, bere borondatez desagertu dela, ezkutatuta edo ihesean dabilela ziurtzat emanez. Aipatuko ditugun lekuko ugariren ustean, poliziak, edo behintzat New York estatuko polizia agentziek, bigarren mailako hiritarrak balira bezala tratatzen ditu sexu langile bezala aritzen diren emakumeak. Izan daiteke. Edo agian EEBBetako polizia agentziak uste duguna baino askoz traketsagoak eta zaharkituagoak dira, bereziki desagertutako pertsonen (guztien) identifikazioan. Pelikuletan eta telesailetan ikusten dugunagatik, pentsa dezakegu EEBBetako edozein poliziak datu base eskerga bat eskura daukala, EEBBetako polizia agentzia guztien informazioa partekatzen duena. Mila bider ikusi dugu: polizia batek argazki bat edo hatz aztarna bat eskaneatzen du eta berehala, “poliziaren ordenagailu”-ko informazioarekin erkatuta, aztarnaren jabearen nondik norako guztien berri jasotzen du, xehetasun ñimiñoarekin ere. Bada, ez da horrela gertatzen benetako munduan. Izan ere, EEBBetan ez dago nortasun agiririk; poliziak ez dauzka hiritar guztien hatz aztarnak, soilik atxilotu dituenenak. Baina gainera EEBBetan, guztira, 17.000 polizia agentzia daude, eta ez dago guztiak gidatzen edo koordinatzen dituen zentral bat, bakoitzak bere eskumenak dauzka. Polizia departamentu bakoitzak lurralde jakin batean jurisdikzioa dauka eta bere datu base propioak dauzka, baina Internetek ez ditu guztiak partekatzen. Eta maiz ez dira elkarren artean gehiegi komunikatzen ere –aurrerago ikusiko dugunez-. Identifikatu gabeko gorpu bat desagertutako pertsona batena dela jakiteko, EEBBetako polizia agentzia guztiek badaukate sistema bakar bat, baina honek ere bere akatsak eta arrakalak dauzka. Identifikazio prozesu honetan funtsezko agiri bi daude: alde batetik desagerpenaren salaketa, normalean desagertutako pertsonaren bizilekuko polizia etxean jartzen dena eta desagertutakoaren datuak jaso behar dituena, azken aldiz noiz eta non ikusi zuten, nola zihoan jantzita, nora zihoan esan bazuen eta antzekoak; bestetik, gorpua aurkitzen den lekuko forentseak egiten duen autopsia. Agiri bakoitza polizia agentzia ezberdin batek bete dezake, desagerpena eta aurkikuntza denboran eta espazioan oso aldenduta gerta daitezkeelako, baina National Crime Information Center (NCIC) izeneko datu basera sartu behar dira derrigor, polizia departamentu guztien eskura egon daitezen. Horrela, sistema bakar honek salaketa eta autopsia guztietako datuak erkatzen ditu eta izenik gabeko gorpuak desagertutako pertsonekin lotzen ditu. Betiere, informazioa behar bezala sartuta baldin badago. Izan ere, NCIC sisteman informazioa eskuz sartzen da, eta zenbaki oker bat sartuz gero edo formatu oker batean, identifikazioa atzeratu edo erabat oztopatuko litzateke. Gorpuaren altuera edo pisua eta desagertutako pertsonarenak oso ezberdinak badira, edo desagerpenaren data gorpuaren aurkikuntzaren ostekoa agertzen bada sisteman, sekula ez dira elkarrekin lotuko. Edo urteak igaro daitezke akatsa argitu baino lehen, NCIC sistema lege indarrek kontsultatu dezaketelako soilik, ez da publikoa. Haren antzeko beste datu base bat dago, National Missing and Unidentified Persons System (NMUPS) izenekoa, publikoa dena baina NCICek baino informazio gutxiago daukana. Funtsezko agiri haietako bat falta bada -eta kaleetan lan egiten duten sexu langileen kasuan, esan dugunez, maiz haien desagerpena ez du inork salatzen- edo sistemako informazioak akatsen bat badauka, kasua “hotz” bihurtzen da, argitu gabe geratzen da. Urtetan. Edo betirako. Eta ez da ezohiko ezer: 160.000 desagertu daude EEBBetan, eta 40.000 identifikatu gabeko gorpu. IV – 2010EKO APIRILAREN 30A: SHANNAN GILBERT Hilotzak eta gorpuzkiak azaleratzen ziren Long Islandeko hondartza eta basoetan, baina inork ez zuen serieko hiltzaile bati buruz hitz egiten. Esan dugunez, LISK (Long Island Serial Killer) delakoari buruz hitz egiten duten kronika, erreportaje, liburu, dokumental eta film guztiek 2010eko apirilaren 30ean hasten dute istorioaren kondaira. Zer gertatu zen bada egun horretan? Ostirala zen apirilaren 30a, zinemetan filmak estreinatzen diren eguna. “A Nightmare on Elm Street” filmaren bertsio berria estreinatzen zen ostiral hartan, 80eko hamarkadako pertsonaia ikonikoa zen Freddy Krueger hiltzailearen sarraskien eguneraketa. Bere marra beltz eta gorridun jertsea eta fedora kapela jantzita, aurpegiko azala erredura orbainez estalita, bere biktimak lo zeudenean ametsetan agertzen zitzaien Freddy eta labanak bezalako atzaparra metalikoekin burutzen zituen bere triskantzak. Alex Diaz eta Shannan Gilbert bikote gazteak pelikula ikustera joatea erabaki zuen, baina ostiral arratsaldeko irteera benetan bikain bat igaro nahi zuten elkarrekin, euren gustuko bat, eta arau ganoragabe batzuek ez zieten izorratuko. Jatea gustatzen zitzaien Alex eta Shannani pelikula ikusten zuten bitartean, baina zinemetan ez zuten kanpoko janaririk sartzen uzten. Hala ere, Taco Bellen janari mexikarra erosi eta zineman ezkutatuta sartzea lortu zuten. Adituak ziren horrelakoetan. Janari pikantea eta beldurrezko pelikula bat, primerako plana. Freddyren abentura berriak ikusten ari diren bitartean, Alex Diaz eta Shannan Gilbert bikote honi buruz apur bat mintzatuko gara. 28 urte zeuzkan orduan Alexek eta 23 Shannanek, eta Jersey Cityn bizi ziren. Hudson ibaia baino besterik ez dago Manhattan irla eta Jersey City artean, baina estatu ezberdinetan daude biak, eta alokairuak askoz merkeagoak dira Jersey Cityn Manhattanen baino. Penssylvaniako Lancaster hirian jaioa zen Shannan eta lau ahizpetako nagusia zen: Sherre, 22 urtekoa, Sarra, 21ekoa, eta Stephanie, txikiena, Stevie izenarekin ezagutzen zutena eta 8 urte besterik ez zeuzkana orduan. Hiru ahizpa nagusiek euren ama Mariren abizena zeukaten, Gilbert, baina Steviek ordea bere aitarena zeukan, Smith. Bere hiru alaba nagusiak oraindik txikiak zirela, Marik haien aita utzi zuen eta bizilekuz aldatu zen, Ellenville herrira, New York estatuko iparraldera. Hiru alaba txiki berak bakarrik behar bezala zaintzeko arazoak izan zituen eta, azkenik, Shannan, zazpi urte zituenean, estatuaren babesean geratu zen eta harrerako etxeetan hazi zen. Harrera etxeetan bizi zela nahasmendu bipolarra diagnostikatu zioten Shannani, baina, etxe hauetako ama batek esan zuenagatik, nerabezaroan nahasmendua artatzeko botikak hartzeari utzi zion. Garai berean berandura arte irteten hasi zen, alkohola edaten eta marihuana erretzen ere –bere adineko beste ia edozein gaztek bezala, esan beharra badago-. Edonola, neska azkarra eta adimentsua omen zen Shannan, institutuan bi maila ikasturte bakarrean bete baitzituen eta ohikoa baino urte bat lehenago graduatu zen. Abeslari edo kantugile izan nahi zuen, horretarako nahikoa talentu bazeukala maiz erakutsi baitzuen bideo eta grabaketetan. Eta amets horrekin New Jerseyra joan zen, esan bezala, Manhattanetik gertu zegoen baina ordaintzeko moduko alokairuak zeuzkan helmuga batera. Itxuraz ere aldatu zuen eta bere ile iluna –zuria zuen ama Shannanek, eta aita beltza- ilehori tindatu zuen. New Jerseyn, ordea, ametsak egun batetik bestera ez direla egia bihurtzen jakin zuen. Lanbide ugaritan egin zuen proba, ile apaindegietan, arropa dendetan, zerbitzari bezala, baina haietako edozeinetan hilabete batean irabazten zuena egun bakarrean irabazteko aukera ematen zion lan bat aurkitu zuen: escort bezala lan egiten hasi zen, alegia, sexu langile bezala. 2007an, 21 urterekin, Lace Party Girls izeneko agentzian hasi zen lanean. Bertan Alex Diaz ezagutu zuen, auto gidari bezala lan egiten zuena agentzian. “Negozioan” aritzen zen emakume batekin sekula ez zela interesatuko uste zuen Alexek, baina Shannan ezagutu zuenean berehala konektatu zuten. Shannan pertsona ona zela jabetu zen. Auto gidariek agentziako neskak bezeroekin hitzartutako lekuetara eramaten zituzten, atean itxaron eta etxera bueltan eramaten zituzten. Lan honengatik 400 eta 800 dolar artean irabazten zituen Alexek egun bakarrean, eta behin 2.600 dolar irabazi omen zituen egun bateko lanagatik. Shannanek ere beste hainbeste irabazten zuen eta diru isuri horrek bere sendiarekiko harremana hobetzen lagundu zion. Opariak egiten zizkien Shannanek bere ama eta ahizpei, eta gastu arruntak ordaintzen ere laguntzen zien, Ellenvilleko etxean diru sarrera egonkorrik ez baitzegoen eta gastuak, ordea, ez ziren gelditzen: Sherrek, 22 urterekin, seme bat zeukan jada eta berriz haurdun zegoen une hartan. Ostiral arratsalde hartan bertan bere ahizpa gaztearekin hitz egin zuen Shannanek haurdunaldiari buruz. Shannan sendi buru antzeko bat bihurtu zen eta bere ahizpa gazteentzat eredu baten modukoan. Dirua nola irabazten zuen ba al zekiten? Jakina baietz, Mari ez zen errealitatetik aldenduta bizi den etxekoandre inozo bat eta Sherrerekin modu irekian mintzatzen zen Shannan bere bizimoduari buruz. Diru “errazak” bere ifrentzua zeukan, noski, lehenik eta behin legez kanpoko jarduera bat zela, baina ez zirudien horrek Shannan kezkatzen zuenik. Shannanek –aipatutako nahasmendu bipolarraz gain- elikadura nahasmenduren bat zeukan, bulimia ziurrenik, eta epe laburretan pisu asko galtzen zuen. Lanean drogak hartzen hasi zen ere, kokaina eta estasia, bezeroekin batera drogak hartzen bazituen diru gehiago lortzen zuelako. Eta abortuak izan zituen ere, bere egoeran seme-alabarik edukitzea ideia ona ez zela pentsatuz. Behin motel batean prostituzioan aritzeagatik atxilotu zuten eta, hortaz, aurrekari penalak zeuzkan. Lace Party Girls agentzia bera ere poliziak itxi zuen azkenean. Eta lanik gabe geratu ziren biak ala biak, Alex eta Shannan. Alokairua ezin ordaindu eta Alexen aitaren etxera joan ziren bizitzera, Shannanek beste agentzia batzuetan lana bilatzen zuen bitartean. Diru faltak aurretik jada ezegonkorra zen harremana okertu zuen eta bien arteko liskarrak ugaritu ziren. Horrelako batean, Shannan alkohol edota drogen eraginpean iritsi zen etxera, garrasika hasi zen eta Alex joka. Eta Alexek erantzun zuen. Gogorregi erantzun ere. Ukabilkada batez ezkerreko masail hezurra hautsi zion eta metalezko xafla batez konpondu behar izan zioten. Agentziarik gabe eta auto gidari batekin batera bakarrik lan egitea erabaki zuen Shannanek, horrela diru sarrerak bi zatitan banatu beharko zituen soilik eta ez hirutan. Eta horretan zebilen azken sei hilabeteetan, jatorri korearreko Michael Pak izeneko gidari batekin, 41 urte zeuzkana eta Queensen bizi zena. Astean birritan adosten zituen hitzorduak bezeroekin, 200 edo 250 dolar orduko kobratzen zituen eta horietatik 50 gidariarentzat ziren. Bezeroak bilatzeko iragarkiak argitaratzen zituen, bai Craigslist web orrian, edozein motako iragarkiak jasotzen dituena, edo baita backpage.com-en, sexu eskaintzetan bereiztua. Madison edo Angelina izengoitiak erabiltzen zituen iragarkietan, 21 urte zituela esaten zuen eta alemaniarra, frantziarra edo italiarra zela. Gezurrak hauek guztiak. Eta poliziari aztarna jarraitzea eragozte aldera, telefono zenbaki ezberdinak erabiltzen zituen, normalean aurretik ordaindutako erabilera murriztu bat zeukatenak, izenik eman gabe eros zitezkeenak eta behin erabiliak izan eta gero zaborrean bukatzen zutenak. Horrela, nahiz eta Alex langabe egon, apartamentu berri bat zeukan bikoteak, beraientzat bakarrik, eta Shannanek hura atontzeko altzariak erosi ahal izan zituen eta plasma telebista bat ere. Apartamentuaren alokairua, 1.100 dolarrekoa, biharamunean, maiatzaren lehenean, ordaindu beharra zegoen. Gainera, biharamunean ere, Mariren, Shannanen amaren urtebetetzea zen eta opari bat erosi beharko zion, nahiz eta Marik esan –omen- zion oparirik ez zuela espero baina bai Shannanekin egoteko aukera. (Hauxe kontatzen dute kasuaren inguruko erreportaje batzuek, baina beste informazio batzuetan data ez dator bat Mari Gilberten urtebetetzearekin. Edonola, bere ama eta ahizpekin afaltzeko hitzordua zeukan Shannanek maiatzaren baterako.) Hortaz, behin Freddy Kruegeren pelikula amaitu eta gero, apirilaren 30eko ostiral gau hartan Shannanek lana zeukan. Arratsaldetik bezero batekin hitzordu bat adostua zeukan. Praka bakero estuak, elastiko bat, larruzko jaka marroi bat eta sandalia beltzak jantzi zituen eta lanera abiatu zen, gauerdi inguruan. Ohikoa baino kolpe bortitzago batekin itxi zuela atea kontatuko zuen Alexek. Ez zuen berriz ikusiko. Pakek bere autoan jaso zuen Shannan eta honek bezeroaren helbidea luzatu zion, paper batean idatzi zuena arratsaldean. Autoaren GPSak esan zuenagatik, 80 kilometrora zegoen gutxi gorabehera, Long Islanden, Suffolk hegoaldean, Oak Beach izeneko urbanizazio hesitu batean. Paken Ford Explorer grisak mendebalderantz jo zuen, Hudson ibaiko zubia gurutzatu, Manhattan hegoaldea zeharkatu eta, Brooklyneko zubian zehar, Long Islanden sartu zen. Brooklyn igaro zuen, Queens ere, eta Nassau konderrira iritsita, Suffolkeko muga baino lehen, laurogeita hamar graduko bihurgune bat hartu zuen hegoalderantz, “barrier islands” izeneko irletarantz. Behin Long Islandeko hegoaldera helduta, Jones Beach estatu parkea eskumatara utzi eta ezkerretarako bidea hartu zuen, ekialderantz, Jones Beach izeneko “barrier island”-a mutur batetik bestera zeharkatzen zuen Ocean Parkway autobidera. Ilun zegoen, baina argirik egon balitz ere inguruak ez luke ezer ikusgarri edo esanguratsurik. 23 km-ko bide luze eta estu bat besterik ez da irla hura. Autoak zeraman norabidean, ezkerretara (barrier islandeko iparraldean) Oyster Bayko padurak, ur landarez beteriko paisaia baino besterik ez zegoen, eta eskumatara (hegoaldean) hondartzetako dunak. Argia balego Pakek eta Shannanek ez lukete errepide alboko txilar eta sasiak baino besterik ikusiko, eta Atlantikoko olatuak beste aldean. Baina ilun zegoen eta iluntasunezko 23 kilometrok inguratzen zituzten, tunel batean bezala. Kontrako norabidean zetozen autoen argiak kilometrotara ikus zitezkeen. Bakardadea suma zitekeen. Bide horretan zihoazela, Shannan eta Pak irlako sekretu ezezagunenetako baten albotik igaro ziren, Gilgo Beach izeneko hondartzatik. Hondartza luzea tea bakartia zen Gilgo, iraganean surf zaleen helmuga kuttuna izandakoa, baina higadurak olatuak hondatu zituenetik aditu gutxi batzuek besterik bisitatzen ez zutena. Ocean Parkwayn zehar aurrera zihoazen eta Fire Islandeko –segidan dagoen beste barrier island bat da Fire Island- irteerara iritsi baino lehen GPSak saihesbide bat hartu behar zuela adierazi zion Pak gidariari. Irteerako kartelak “Ocean Parkway” zioen. Argirik gabeko saihesbidean aurrera zihoazela, eskumatara argiak piztuta zeuzkan etxe bat ikusi zuten, bezeroarena izan behar zuena, The Fairway kaleko 8a, baina urbanizazioko sarrera aurrerago omen zegoen. Oak Beach hesitutako urbanizazio bat zen eta, beraz, sarrera itxita zegoen. Gako bat behar zen sarrera zabaltzeko, baina Shannanen bezeroak, Joseph Brewerek, ez zien gakoa eman, iritsitakoan deitzeko esan zien eta berak zabalduko ziela atea. Halaxe egin zuen. Ford Explorer grisa urbanizazioan sartu eta Breweren autoaren atzetik, eskumatara birritan eginik, haren etxeraino iritsi ziren, urbanizaziora hurbiltzerakoan argiak piztuta ikusi zutena, The Fairway kaleko 8a. Shannan Joseph Brewerekin etxera sartu zen eta Michael Pak haren zain geratu zen, etxe aurrean auto barruan. Goizeko ordu biak inguru ziren. Handik aurrera etxe barruan gertatutakoa ez dago argi, baina lekukoen adierazpenetan eta telefono deien erregistroetan oinarrituz kontatzen saiatuko gara. Hasteko, beste norbait ba al zegoen etxe barruan Brewer eta Shannanez gain? Breweren bizilagunek kontatuko zutenagatik haren etxean ohikoak ziren festak eta horrenbestez ez litzateke arraroa izango gau hartan ere ospakizun jendetsu bat egon izana. Baina Pakek etxean beste inor ikusi ez zuela berretsiko zuen. Etxe barruan gertatutakoaz, Joseph Brewerek adieraziko zuen sexu harremanak izateko asmoarekin adostu zuela Shannanekin hitzordua, baina azkenean ez zutela sexu harremanik izan. Shannan ikusi zuenean aurretik ikusitako argazkietan agertzen zen neska ez zela iruditu zitzaion eta ziria sartu nahi ziola. Are gehiago, beste adierazpen batzuetan Shannan transexuala zela uste zuela esango zuen Brewerek, eta horregatik ez zuela harekin sexu harremanik izan nahi. Brewerek esan zuenagatik, Shannanek galdetu zion ea noizbait transexual batekin topo egin ote zuen escort bat kontratatutakoan; eta galdera honek tukua eragin zion Breweri. Hau egia balitz, agian, Brewerek Shannani agindutakoa ordaintzeari uko egin zion eta bien arteko liskar bat piztu bide zen. Baina Shannan ezagutzen zuten guztiek horrelako zalantzaren bat txorakeria hutsa dela diote, Shannanek ez baitzeukan transexual itxurarik. Azalpen sinesgarriena zera litzateke: Brewer bere izena eta irudia nolabait “garbitzen” saiatzen aritzea, hedabideetan prostitutak kontratatzeagatik ezaguna bihurtu ondoren. Agian asmo berarekin ere, Shannan sare sozialen bidez ezagutu zuela esan zuen, eta ez Craigslist edo backpage bidez, horrek hitzarmenaren gordintasuna leunduko balu bezala. Breweren azalpen edo aitzakia hauek guztiak ez dira sinesgarriak, ez baitatoz bat Shannanek etxe hartan ia hiru ordu pasatu izanarekin. Autoan itxaroten zegoen bitartean, Shannanen dei bat jaso zuela esan zuen Pakek. Lubrifikatzaile eta karta-sorta baten bila joateko eskatu omen zion Shannanek eta Pakek ezetz erantzun zion, oso ilun baitzegoen eta ez baitzuen ingurunea ondo ezagutzen. Asko haserretu omen zen Shannan, joan zedila esan zion, berak bakarrik etxera nola itzuli asmatuko zuela eta deia moztu zuen. Ondoren, Brewer eta Shannan etxetik ateratzen ikusi zituen Pakek, Breweren autoan igo eta urbanizaziotik irten ziren. Laster itzuli ziren. Telefonoen errejistroek diotenagatik, 2:55ean Shannanek 24 orduko zerbitzua zeukan parafarmazia batera deitu zuen, eta 2:57etatik 4:09etara bitartean, Shannan eta Paken artean sei dei labur egon ziren, norabide batean edo bestean. Lubrifikante eta kartak bila soilik irten ziren Shannan eta Brewer? Droga bila joan ote ziren? Apur bat beranduago Brewerek Paki deitu zion etxean sar zedin, Shannan etxetik ateratzen laguntzeko. Brewerek esan zuen Shannan modu arraroan portatzen hasi zela, ziurrenik gauzak ez zirelako hark espero bezala joan, eta ez zuela etxetik irten nahi –hitzartutakoa ez zion ordaindu nahi Brewerek ala?-. Hirurak etxe barruan zeudela, uneren batean Shannan besotik heldu zuen Brewerek, baina hau askatu egin zen eta sofa baten atzean babestu. Handik, goizeko 4:51n, 911 larrialdi zenbakira dei egin zuen, 23 minutu iraungo zituen dei bat. Dei honen edukia ez da plazaratu ordutik igaro diren hamar urteetan, eta soilik 2020. urtean badirudi epaile batek eduki hori argitaratzeko agindua eman duela Gilbert sendiaren abokatuaren eskaera aintzat hartuz. Suffolk konderriko eta New York estatuko polizien politika dela 911 zenbakira egindako deien edukia ez plazaratzea argudiatu dute beti bai poliziak eta baita fiskaltzak, krimenen ikerketak ez eragozteko, susmagarriei zantzuak ez emateko edo aztarna faltsuak ez sustatzeko. Edonola, erabaki honek mota guztietako susmoak eragin ditu kasuan interesa duen jendearen artean, bai Shannanen senideen artean eta baita kasua jarraitzen duten Interneteko foroetan ere: Ezer susmagarririk ez bada entzuten deian, poliziak esango zuen bezala, orduan, zer arazo legoke edukia kaleratzean eta susmoak behin betiko aldentzean? Ez al dira polizia eta fiskaltza zerbait estaltzen ariko? Idazten ari garen unean deiaren edukia ez dugu ezagutzen, eta hura entzun dutenek esan dutena baino besterik ez dakigu. Suffolkeko poliziako detektibe batek, Vincen Stephane izenekoak, idatziz deklaratu zuen lasaia zela Shannanen tonua deian. Ostera, garai hartan Suffolkeko poliziaren komisarioa zen Richard Dormerek prentsaurreko eta elkarrizketa askotan errepikatu du Shannan oso urduri eta ikaratuta dagoela igartzen dela deian entzuten denagatik. Orduan detektibeen nagusia zen Dominick Varronek ere deia entzun zuen eta haren edukiari buruzko xehetasun gehiago eman ditu: Shannanek, deian esaten duenagatik eta esaten duen moduagatik, arriskuan dagoela benetan sinesten du. “Nire atzetik dabiltza” eta “ni hil nahian dabiltza” errepikatzen du behin eta berriz, besterik gabe. Operadoreak “non zaude” galdetzen dio, baina Shannanek ez dio erantzuten eta “norbait nire atzetik dabil” errepikatzen du. Ez du modu koherente edo arrazional batean jokatzen. Egoera psikotiko edo drogek eragindako lilura batean dagoela ematen du. “Non zaude” dio berriz operadoreak, baina Shannanek ez daki erantzuten. “Jones Beachen” erantzuten du, agian bidean gehien ikusi duen izena eta hizki handienetan, baina ez daki beste konderri batean dagoela. Bi gizonezkoren ahotsak ere entzuten direla deian kontatu zuen Varronek, Joseph Brewer bezeroarena eta Michael Pak gidariarena. Biek ala biek hauxe berretsi dute, beraiek ere deia entzuteko aukera izan baitzuten. Shannanek lilurak edo haluzinazioak zeuzkala esan zuen Pakek. “Zer diozu? Nork nahi zaitu hil? Zergatik diozu hil nahi zaituztela?”, galdetzen dio Pakek, baina Shannanek ez du erantzuten. Momenturen batean haietako batek Shannan ukitzen du, edo hurbiltzen zaio besterik gabe, eta honek garrasi egiten du. Halako batean, deia oraindik moztu gabe, gizonezkoengandik aldendu nahian edo, Shannan The Fairway kaleko 8.etik irten zen korrika. Pak atzetik joan zitzaion eta Brewerek etxeko atea itxi zuen, biak autora igo eta etxera itzuliko zirela sinetsita. Pak autora itzuli zen eta bertatik Shannan korrika ihes egiten ikusi zuen. Shannan ez zela sekula autora berriz igo esango zuen Pakek. Lasterka gau ilunean joan zen Shannan. Hasiera batean The Fairway kalean zehar ekialderantz jo zuen, autoarekin sartzean egin zuen bidea desegiten bezala. Argiak ikusi zituen etxe batean gelditu zen. Gus Coletti izeneko aseguru detektibe erretiratu baten etxea zen. Auto erakusketa bat ikustera joango ziren Coletti senar-emazteak larunbat hartan eta horregatik goizeko bostetan jada jaikita zeuden. Shannanek lehenengo solairuan zegoen etxeko sarreraraino igo zen eta ate joka hasi zen. 911 zenbakira egindako deia moztu gabe oraindik. Une hartan bizarra egiten ari zen Gus Colettik atea ireki zion eta “lagundu, lagundu!” baino besterik ez zion esaten Shannanek. Hau guztia 911ra eginiko deian entzuten omen da. Lasaitzeko eta esertzeko esan zion Colettik eta, etxeko telefono finkotik, 911ra deitu zuen berak ere. Poliziari deitu ziola esan zionean, Shannanek etxetik alde egin zuela dio Colettik. Haren atzetik irten zen gau ilunera eta SUV auto gris ilun bat hurbiltzen ikusi zuen, asiar jatorriko gizon batek gidatua. -Emakume bat ikusi al duzu hemendik? –galdetu zion Pak gidariak. -Bai, nire etxeko atea jo du laguntza eske eta alde egin du. Poliziari deitu diot –erantzun zion Colettik. -Ez zenuen hori egin behar izan. Arazo larritan sartuko duzu. Une hartan Shannan bere orubean zegoen txalupa baten azpian ezkutatuta zegoela ohartu zen Coletti, baina handik irten eta ihesaldia jarraitu zuen. Pakek ere bertsio bera berretsi zuen, Colettirekin izandako elkarrizketa, Shannan topatzea, eta autoan sartzea lortuko zuela uste zuela, baina, Colettik esaten zionari adi zegoen bitartean, bere albotik ihesi igaro zitzaiola Shannan ere. The Fairway eta Sandy Drive kaleen arteko bidegurutzean zegoen Colettiren etxea. Gau ilunean ikusi ezin bazuen ere, Shannanek Sandy Driven ezkerretarako bidea hartuko zuela suposatu zuen Pakek, urbanizazioko sarrerarantz, bidea desegiten jarraituz, eta harantz jo zuen bertan bere zain aurkituko zuela suposatuz. Izan ere, eskumatara bide gehiagorik zegoenik ere ez zen jabetu. Baina ez, Shannanek eskumatarako bidea hartu zuen, eta aurrerago Anchor Way kalean ere bira egin zuen, urbanizazioan gehiago barneratuz, argidun etxe gehiagoren bila. Oak Beacheko Anchor Way kaleko bizilaguna zen Barbara Brennan andreak irailaren 11ko erasoetan senarra galdu zuen, eta ordutik kandela itxurako argiak piztuta zeuzkan beti bere etxeko leihoetan, beila moduan. Haiek ikusita, Brennan andrearen etxera jo zuen Shannanek eta ate joka hasi. Brennan andreak, Colettik ez bezala, ez zion atea zabaldu Shannani, baina bi telefono dei egin zituen, Shannanen nondik norakoen azken lekukotza direnak: bata poliziari, goizeko 5:22tan, eta bestea Tom Canning izeneko bere auzokide bati. Canning, erretiratutako lorezain bat, bere semearekin eta txakurrarekin agertu zen Brennan andrearen etxean, baina iritsi zenerako jada ez zuten inor ikusi inguruan. Hori bai, Brennan andrearen orubean Shannanen jaka aurkitu zuten. Canningen semeak neskaren urratsen aztarnak ere ikusi zituztela esango zuen. Bere aitak, ordea, halakorik ez zutela ikusi esango zuen, baina aldi berean Shannanek “padurarantz ihes egin zuela” suposatzen zuela. Aztarnarik ikusi gabe? (Oak Beach urbanizazio osoaren iparraldean, eta Ocean Parkway autobideraino, hainbat kilometro koadroko padura bat dago, begetazio itxiz, kainaberaz eta bihiez estalia.) Minutu gutxi batzuk lehenago Shannanek 911ra egindako deia moztu egin zen eta haren arrastoa galdu zen. Gau ilunean barrena korrika murgildu zen Shannan. Coletti jauna, bitartean, urbanizazioko sarreraraino hurbildu zen poliziari itxaroteko. 45 minuturen buruan iritsi zen polizia, goizeko seiak inguruan, eguna argitzen hasten ari zenean. Gertatutakoa jakinda, Oak Beacheko kaleetatik bilatu zuen poliziak Shannan, baina ez zuten inor aurkitu ezta ezer arrarorik ikusi. Neska azkenean auto grisean sartu eta bere etxera bueltan joango zela suposatu zuten. Pakek, bere aldetik, auzoan zehar Shannan bila ibili zela ziurtatu zuen, gau itxia egun argia bihurtu arte, eta ez zuenez aurkitu, hark etxera itzultzeko beste moduren bat aurkitu zuela suposatu zuen, gauean lehenago haserretu zenean agindu zion bezala. Eta seiak inguru alde egin zuen Oak Beachetik. Poliziak, iritsitakoan, Pakekin topo egin balu, agian Shannan bilatzen jarraituko zuketen guztiek, baina halakorik ez zen gertatu. … Biharamunean, edo agian igandean, Shannanen erantzunik jasotzen ez zuenez Alex Diazi deitu zion Pakek, ea Shannan etxera itzuli ote zen galdetzeko. Ostiral gauetik haren berririk ez zeukala jakinarazi zion Diazek, eta kezkatuta zegoela, telefonoa itzalita edo bateriarik gabe zeukalako Shannanek eta hortaz ezina zelako harekin harremanetan jarri. Shannanen ohiko haserrealdietako bat izan zitekeen hura. Pak gidariari bidaia ez zion ordaindu nahi eta iskin egiten ari zitzaion. Edo droga gehiegi hartu zituen Breweren etxean eta parranda jarraitzen zebilen. Edo beste bezeroren batekin zegoen. Baina agertzen ez zenez eta haren berririk ez zeukatenez, Shannan bila joan behar zutela erabaki zuten, ezbeharren bat gertatu bazitzaion eurei leporatuko baitzieten ziurrenik. Azken finean, Paken lana Shannan etxera bueltan salbu eramatea zen eta Diaz, mutil laguna bezala, beti izango zen neska lagunari gertatu ahal zitzaion edozeren lehenbiziko susmagarria. Hirugarren susmagarri agerikoena izan zitekeenari deitzea erabaki zuten, sexu langile baten kasuan lehenbizikoa izan zitekeenari. Bezeroari, Joseph Breweri deitu zioten, Pakek honen telefonoa baitzeukan, eta ea Shannan berarengana itzuli ote zen ostiral gauean edo hari gertatutakoari buruz zerbait ote zekien galdetu zioten. Brewer harritu egin zen, Shannan bere etxetik irten zenetik ez baitzuen berriz ikusi, Paken autora sartu zela uste zuen eta New Jerseyra itzuli zela. Hortaz, astelehenean, Shannan azken aldiz ikusi zuten lekurako bidea hartu zuten Diazek eta Pakek, Oak Beacherakoa. Brewerek hesitutako urbanizazioko atea zabaldu zien eta Shannan bila hasi ziren hirurak. Ostiral gauean ez Pakek ez Shannanek ikusi ezin bazuten ere, eguneko argipean auzo koloretsu bat da Oak Beach. 1896an eraiki ziren lehendabiziko etxeak Oak Beachen eta orain 72 etxebizitza daude urbanizazioaren hesien barnean. Ekonomia maila altukoak dira bertako bizilagunak, baina ez da luxuzko urbanizazio bat. Etxebizitza batzuk berriki margotuak daude eta lorategi zaindu eta inausiak dauzkate. Urte osoan bertan bizi direnen etxebizitzak dira hauek. Beste batzuetan, ordea, belar altuak ikus daitezke orubeetan eta surf taulak eta txankletak sarreretan botata. Uda igarotzeko etxeak dira hauek, hasiera batean erosi zituenaren ondorengoek gehiegi zaintzen ez dituztenak. Auzokideen elkarte batek kudeatzen du Oak Beach eta elkarbizitzarako arauak ezartzen ditu bertan. Segurtasuna omen da Oak Beacheko bizilagunen lehentasunetako bat eta, horrenbestez, auzo guztia inguratzen duten hesiez gain, segurtasun kamerak ere badaude auzoko kaleetan. Kale hauetan zehar eta etxe hauetan galdetuz bilatu zuten Shannan. Bilaketan auzoko bizilagun batzuekin topo egin zuten eta gertatzen zitzaiena azaldu zieten, haien artean Peter Hackett doktorea izeneko batekin, bere burua auzokideen elkarteko ordezkari bezala aurkeztu zuena eta elkartearen laguntza eta babesa eskaini omen ziena. Tom Canning eta bere txakurrarekin ere egingo zuten topo ziurrenik, edo agian Joe Scalise izenekoarekin ere. Polizia bertan egon zela jakingo zuten eta hauek ezta Shannan ez zutela ikusi. Kasua da ez zutela Shannan inondik ere aurkitu. Brewerek Diazekin batera desagertutako pertsona baten salaketa jarri nahi izan zuen polizia etxean baina, gertuko senidea ez zenez, ezin zuela erantzun omen zioten. Shannanen sendiari gertatutakoa esan beharko zion Diazek. Shannanen ama eta ahizpak, bitartean, haren zain egon ziren larunbat gauean elkarrekin etxean afaltzeko, baina Shannan ez zen agertu eta azalpenen bat emateko ezta ere ez zuen deitu. Azken momentuan Ellenvilleraino joatea ezinezkoa gertatu zitzaiola Shannani suposatu zuen Mari Gilbertek, lanen bat suertatuko zitzaiola edo. Sherre, bigarren ahizpa, gau hartan eta hurrengo egunetan Shannanen telefonora deika aritu zen, baina ez zuen harekin hitz egitea lortu. Itzalita edo bateriarik gabe zegoen telefonoa beti. Gehiegi. Kezkatzen hasi zen, bere ahizpa nagusiak zeraman bizimodua eta horrek zeuzkan arriskuak ezagutzen zituelako. Astelehenean, maiatzaren 3an, Mari Gilbertek ezezagun baten deia jaso zuen bere etxeko telefonoan. Ezezagunaren izenaz ez zen ondo jabetu, baina doktorea zela esan ziola bai. Kaleetatik irten nahi zuten neskentzako aterpetxe bat zeukala esan zion ustezko doktoreak eta Shannan bertan berarekin egon zela. Shannanek etxea gidariarekin batera utzi zuela esan zion ere. Marik ez zuen ezer ulertu, adar joka ari zitzaiola suposatu zuen eta eskegi zuen. Egun berean, astelehenean, Alex Diazek deitu zuen Shannan etxera itzuli ez zela esateko. Beldurra igarri zuen Sherrek Diazen ahotsean. Sherre eta Sarra Gilbert, ahizpa nagusia zer nolako lanetan aritzen zen jakin zutenetik, holako deiren bat edozein momentutan gerta zitekeela beldur ziren. Berehala poliziari jakinarazi zioten baina, hurrengo egunetan berririk jaso ez zutenez, euren kabuz bilatu beharko zutela erabaki zuten eta Ellenvilletik Oak Beacheraino 210 km-ko bidea egin zuten. Zortzi egun ziren ordurako Shannan desagertu zela. Bitartean, maiatzaren 6an, doktorearen beste dei bat jaso zuen Marik. Hackett doktorea zen haren izena. Susmagarriak ziren deiak, baina agian Shannan aurkitzen lagunduko zien tipo hark. Oak Beachen ateak jo zituzten, Shannan noizbait ikusi ote zuten galdetu zieten bizilagunei, argazkiak banatu zituzten. Dozena bat inguru lekukoekin hitz egin zuten, gau hartan gertatutakoa berreraiki nahian. Baina Shannan ez zen agertu. Polizia etxean desagerpena salatu nahi izan zuten, baina Shannanen bizilekuan, Jersey Cityn egin behar zutela esan zieten. Maiatzaren bateko egunsentian Oak Beachetik bi dei jaso zituztela baieztatu zien poliziak, Shannan bertako etxeetan ate joka zebilela salatuz, baina polizia iritsi zenerako ingurua lasai zegoela eta ez zutela inor aurkitu. Egoeran ezer susmagarririk ez zegoela eta ikerketa zabalagorik ez zela behar zeritzon Suffolkeko poliziak. Shannanen moduko bizimoduak zeramatzaten neskek, hots, sexu langileak, horrelako jokaerak izan ohi dituztela esan zieten, azalpenik eman gabe sendiarengandik eta ingurukoengandik aldentzen dira, bizilekuz aldatzen dute inori esan gabe. Litekeena zen taxi bati deituta Oak Beachetik alde egin eta motelen batean bizitzen egotea, edo bezeroren batekin. Zantzu gehiagorik gabe ez zirudien Suffolkeko poliziak ikerketa burutsurik egingo zuenik. Eta Shannanek berak 911ra egindako deia? Urduri eta beldurtuta dirudien neska batek 23 minutuz poliziari “hil nahi naute”, “nire atzetik dabiltza” errepikatzea eta bat batean deia moztea, ez al zen ikertzea merezi zuen zerbait? Ziur baietz, baina une hartan Suffolkeko poliziak ez zeukan dei haren berririk. Lau hilabete igaro ziren polizia indar ezberdinek Oak Beachetik egindako deiek eta Shannanek egindakoak harremana zeukatela ohartu arte. Arrazoia, lehenago aipatu dugun zerbait, alegia, New York estatuko polizia indar ezberdinen lurraldetasunak eta komunikazio faltak eragindako prozedura akats bat: Operadoreak Shannani non ote zegoen galdetzen zionean, hark ez zekien zer erantzun, eta Jones Beach inguruan zegoela esan zuen. Jones Beach, Long Islandi buruz gehiegirik ez zekien newyorktar batek emango lukeen erantzuna izan zitekeen edo baita Shannanek bidean behin eta berriz errepikatuta ikusitako izen bat. Baina gainera Jones Beach estatu parke bat da eta, hori zela eta, estatuko poliziari transferitu zion deia operadoreak, eta ez lekuko poliziari. V – 2010EKO ABENDUA: JOHN MALLIA ETA BLUE Mari Gilbertek beti esan zuen Suffolkeko poliziak ez ziola jaramon handirik egin bere alaba nagusiaren desagerpenari, eta ez zutela berehala ezta ardura handiegirekin ikertu. Shannan sexu langile izateari egozten zion Marik poliziaren ustezko arduragabekeria hura. Beste jatorri, gizarte maila edo lanbidea zeuzkan neskaren bat izan balitz desagertutakoa, polizia buru belarri arituko zela haren bila uste zuen Marik. Eta halaxe errepikatzen zien entzun nahi zioten hedabideei, poliziari presioa egiteko prentsaz baliatzen saiatu baitzen Mari Gilbert. Egia esan, Shannan Gilberten desagerpena ez zen lerroburu askotan agertu 2010ean. Hasiera batean bai, Suffolkeko hedabideek jakitera eman zuten gertatutakoa eta Shannanen argazkia plazaratu zuten ere, irakurle edo entzuleen laguntza eskatuz. Aurrerago interesa galdu zuen haientzat ere, eta desagertutako neskaren istorioaren amaiera ez zen inoiz argitu. Baina honek ez zuen esan nahi poliziak ez zuela ikertu Shannanen desagerpena eta ez zela hura bilatzen ahalegindu. Izan ere, desagerpenetik hilabete bat igaro zenean eta Shannanen berririk ez zeukatenez, Suffolkeko poliziako pertsona desagertuen bulegoko komandanteak, Stuart Cameronek, John Mallia ofizialari agindu zion Shannan bilatzea, Mallia bilaketa lanetan “gupidagabea” izatearen ospea baitzeukan, alegia, aurkitu beharrekoa aurkitu arte ez zuela amore ematen. 59 urterekin, eskarmentu handienetako ofiziala zen Mallia bulegoan, Suffolkeko polizian 31 urtez lan egindakoa baitzen eta lehenago ikertzaile pribatu bezala ere aritutakoa. Urte haietan guztietan bilatzeko zailenak ziren gauzak eta pertsonak aurkitzen trebetasuna erakutsi zuen, adibidez, konderriko presondegitik ihes egindako presoak. Blue izeneko 7 urteko alemaniar artzain baten laguntzarekin burutzen zituen beti bilaketa haiek. Blueren aurretik Boomer izeneko beste alemaniar artzain bat izan zuen lagun Malliak, behin atxiloketa baten erdian sei labankada jaso zituena, horren arriskutsua baita polizia txakurren jarduna. Biziraun zuen Boomerek, baina 2005ean erretiratu egin zen. Kumeak zirenetik hazi eta hezi zituen Malliak bai Boomer eta bai Blue, eta orduan hirurak batera bizi ziren Brookhaven hirian. Malliak eta Bluek Shannan Gilbert bilatzeko aginduari ekin zioten eta uda osoan zehar Oak Beach auzoa goitik behera miatu zuten. Emaitzarik gabe. Aurkituko zutela ziur zegoen Mallia, baina hilik aurkituko zutela ere ia ziurtzat jotzen hasi zen, ez Oak Beachen ezta inguruetan ere inork ez zielako zantzurik ematen. Bilaketa eremua zabaltzea erabaki zuen Malliak: norbaitek Shannan hil bazuen eta gorpuaz desegiten saiatu bazen, bide bazterrak miatu behar zituen, FBIren adituen arabera gorpuak errepidetik 9 metro baino gutxiagora jaurtitzen baitira. Oak Beachetik Nassau konderriko mugaraino doan Ocean Parkway errepideko bazterrak miatzeari ekin zioten Malliak eta Bluek. Errepidearen 23 kilometroetan hegoaldeko bide bazterra sastraka itxiez estalita dago, sasiez, txilarrez eta huntz pozoitsuaz; hain itxiak ezen zentimetro gutxi batzuetara dagoena ikustea ere eragozten dutela. Sasiek zauritu zituzten, Mallia eskuetan eta Blue muturrean, eta huntzak Mallia ziztatu zuen. Baina eragozpen hauek ez zituzten gelditu. Udako giro epela joan zen, egunak laburtzen zihoazen eta Atlantikoko haize izoztuak jotzen hasi zuen. Bikoteak, nekaezin, bere lanarekin jarraitu zuen. Abenduaren 11an, Gilgo Beach inguruan zeudela, Oak Beach urbanizaziotik 11 kilometrora –batzuek diote Mallia Blue hezten ari zela egun hartan, beste batzuek Bluek pixa egiteko gelditu zuela autoa Malliak, kasua da ez zela haien lan egun bat-, arratsaldeko hirurak inguruan, hondartzako aparkalekuan Bluek usain bat atzeman zuen. Buztana astintzen zuen, burua mugitzen. Usainaren aztarna jarraitu eta sasi artean eskeleto ia oso bat arpilleran bilduta aurkitu zuten. Emakumezko baten gorpua zen. Baina ez zen Shannan Gilbert. Bilaketak jarraitu behar zuen. Bi egun beranduago, abenduaren 13ko goizean, bilaketaren ingurura hurbildu zen Mallia bere aisialdi denboran, Blue autoan zain utzita, bertan lanean zeuden ikertzaileei laguntzeko. Lehen gorpua aurkitu zuen lekutik 220 metro mendebaldera beste gorpu bat aurkitu zuen Malliak, erdi desegina zegoen arpillera zaku baten barruan hau ere. Eguraldia ezin hotzagoa eta haizetsuagoa zen, baina Malliak ez zuen horretariko ezer igartzen, adrenalinaz goraino baitzegoen. Egun hartako ordu batak eta hogeietarako, Malliak eta Bluek beste bi gorpu aurkitu zituzten, lehenengo gorpua aurkitu zuten puntutik ekialdera, 75 metrora bata eta 180 metrora bestea. Lau gorpu kilometro erdiko distantzian, ilaran jarriak bezala laurak, Shannan Gilbert desagertu zen lekutik zazpi kilometrora. Lau gorpu, emakumezkoak laurak, eta haietako bat ere ez zen Shannan Gilbert. Hildakoen sendiei eman zizkioten autopsien arabera, itoarazita hil ziren guztiak –halaxe plazaratu zuen prentsak orduan. Richard Dormer orduan Suffolkeko polizia departamentuko komisarioa zenak zera adierazi zuen, “lau gorpu gune berean ez da kasualitate bat, serieko hiltzaile baten aurrean egon gaitezke”. Edonola, Long Islandeko bizilagunak ez beldurtzeko-edo, aurreko adierazpenari nolabait garrantzia kentzen saiatu zen segidan: “Ez dut nahi inork pentsa dezala Jack The Ripper bat daukagula Suffolken, aizto batetik odola dariola korrika.” VI – MELISSA, MEGAN, MAUREEN ETA AMBER Melissa Barthelemy izeneko neska batena zen Malliak eta Bluek aurkitu zuten lehenengo gorpua, 24 urte zeuzkana, Shannan Gilbertek bezala. Baina Melissa eta Shanannen arteko antzekotasunak ez ziren adinera mugatzen. Buffalo hiriko aldirietan hazia zen Melissa, New York estatuko iparraldean. Estetikan graduatu ondoren New York hirira joan zen ile-apaintzaile bezala lan egitera, baina, dagoeneko ezagunak zaizkigun arazo eta erabaki kate batzuengatik, escort bezala hasi zen lanean, Carigslisten bere zerbitzuak iragartzen. Melissaren amak, Lynn Barthelemyk, ez zekien bere alabaren lanbidea, 2009ko uztailean haren berririk ez zeukalako kezkatzen hasi zenean. Melissak botika antipsikotikoak hartu behar zituen baina tratamendua utzi zuen –hau ere lehenago entzuna dugu-. Berririk eta deirik gabe hiru egun pasa zirenean poliziarengana jo zuen Lynnek Melissaren desagerpena salatzeko, baina ez zioten jaramonik egin. “24 urteko neska bat, arazo psikikoak dauzkana, ez da desagertu, nahi duen lekuan dago” esan zioten polizian. Hiru egunez jarraian. Abokatu baten laguntza kontratatu zuen Lynnek, baina honi ere antzeko erantzuna eman zioten: “Prostituta bat da, ez diogu detektibe bati kasu hau esleituko.” Uztailaren 10ean aurkitu zituzten Melissaren nondik norakoen azken aztarnak. Egun hartan bezero batekin hitzordu bat izan omen zuen, bere bankuko kontuan 900 dolar sartu zituen eta mutil lagun ohi bati deitu zion baina ez zuen harekin hitz egitea lortu. Melissa desagertu eta aste batera, honen ahizpa gazteak, Amandak, dei bat jaso zuen Melissaren sakelako telefonotik. Pozarren erantzun zuen Amandak, Melissak azkenean deitzen zion! -Ez naiz Melissa –erantzun zuen gizonezko ahots batek. Hiltzailearen ahotsa lehen aldiz entzun zuen Amanda Barthelemyk. -Zu ere puta bat al zara zure ahizpa bezala? Ahots samurra zeukan, hizkera lasaia eta heziketa onekoa. Horrek are beldurgarriagoak bihurtzen zituen bere mezu ikaragarriak. Amandarekin jolasten hasi zen. Deiek jarraitu zuten. Zortzi izan ziren guztira, Amandaren telefonora guztiak. Gauza latzak, ikaragarriak esan zizkion Amandari hiltzaileak –poliziak deitzailea Melissaren hiltzailea zela ziurtzat jotzen baitu-, gauza sexualki esplizituak, eta baita Melissari zer egin zion eta Amandari zer egingo zion. Melissa hilik zegoela esango zion deitzaileak deietako batean, eta hura “usteltzen ikusiko” zuela. Deietako batean Lynnek hartu zuen telefonoa eta hiltzailearekin hitz egin zuen. Lynnek desagerpen salaketa bat jarri ote zuten jakin nahi zuen hiltzaileak, baina laster moztu zuen deia. Amanda ikaratu nahi zuen eta harekin baino besterik ez zuen hitz egin nahi. Iluntzean deitzen zuen beti, ahots baxuan hitz egiten zuen eta denbora laburrez. Iseka egiten zion Amandari eta mehatxuak ere. Testu mezuak ere bidaltzen zizkion. Hirugarren deiaren ondoren polizia Verizon telefono konpainiarekin harremanetan jarri zen Amandaren telefonoa zulatzeko. Horrela, dei batzuen jatorria kokatzeko gai izan zen polizia, New Yorkeko erdiguneko inguru jendetsuetan batez ere, hala nola Port Authority autobus geltoki nagusiaren inguruan, Times Squaren edo Empire State Building alboan. Ahotsagatik, 20 eta 30 urte artean izan behar zituela ondorioztatu zuen poliziak, eta arraza zurikoa izan behar zuela –EEBBetan azalaren kolorea ahotsagatik asma daiteke, antza-. Azkarra omen zen hiltzailea, eta poliziaren ikerketa prozedurak ezagutzen zituela zirudien, zeren, horrelako guneetan, poliziak segurtasun kameren irudiak aztertuko balitu jendetza bat topatuko luke eta ez pertsona bakar bat edo gutxi batzuk. Gainera, identifikatua ez izateko, deiak zenbat iraun zezakeen ere bazekien, eta hiru minutukoak baino besterik ez ziren haren deiak. Baina Long Islandeko Massapequa hirian ere kokatu zuen poliziak deietako baten jatorria, Gilgo Beachetik 20 minutuko auto bidaia baten distantziara. Segurtasun handiaz jokatzen zuen hiltzaileak, eta gehiegizko konfiantza horrek akatsen bat izatera bultzatuko zuela uste zuen poliziak orduan, eta horrela harrapatuko zutela. Buffaloko lekuko telebista kate batek hiltzaileen dei hauei buruzko informazioa eman zuen eta –kasualitatez?- orduan bukatu ziren. Baina hiltzaileak abuztuaren 26an Amandari azken dei beldurgarri bat egitera ausartu zen. -Ba al dakizu zure ahizpari zer egin nion? –galdetu zion Amandari. -Ez. -Melissa hil nuen. Badakit non bizi zaren eta zure bila joango naiz. Lynnek kontatuko zuen 2010eko abenduan, Melissa desagertu eta urte eta erdira, telebistan Gilgo Beacheko gorpuen aurkikuntzari buruzko albistea ikusi zuenean bere bikotekidearekin zegoela eta biak negarretan lehertu zirela. Melissa zela ziur zeuden. … 2010eko abenduaren 13ko goizean, Melissaren gorputik 220 metro mendebaldera aurkitu zuten gorpua Amber Lynn Costellorena bezala identifikatu zuten. 27 urteko neska txiki bat zen Amber, 1,50 metro inguru neurtzen zituen eta 50 kilo baino besterik ez zituen pisatzen. Ez zeraman denbora gehiegirik desagertuta Amberek, urte hartako irailaren 2an desagertu baitzen Long Islandeko North Babylon hirian zeukan etxetik, gorpua aurkituko zuten lekutik 15 km-ra baino besterik ez. Hau da, Shannan Gilbert baino beranduago desagertu zen Amber. Baina Shannanen kasuan ez bezala, eta Gilgo Beacheko gainerako beste biktimen kasuan ez bezala ere, Amber Lynn Costelloren desagerpena ez zuen bere sendiko inork salatu. Ipar Karolinako Wilmington hirian jaiotakoa zen Amber eta haurtzaroan, sei urterekin, sexu eraso bat jasan zuen bizilagun baten esku, bere ahizpa Kimberlyk kontatuko zuenez. Gertakari honek, Amberengan izan zuen eraginaz gain, haien ama erotu zuen. Biek ala biek ez zutela haurtzaro on bat izan esango zuen Kimberlyk, euren sendia alkohol, droga eta gaixotasunen aurka borrokatzen ikusi behar izan zuten-eta. Ikasle ona zen Amber baina haurtzaroan jasandako oinaze hauek zanpatuta zeukaten. Drogetan, heroinan hain justu, sartu zen oso gaztetandik. Eta adikzioa ordaindu ahal izateko Private Playmates izeneko escort zerbitzuan lan egiten hasi zen oso gaztetandik ere, hamazazpi urterekin. Ezkonduta egon zen Amber garai hartan, baina dibortziatu ere egin zen. Floridara joan zen bizitzera, Clearwater hirira, eta zerbitzari bezala lan egin zuen bertan, noizbehinka escort lanak ere egiten zituela. Bigarrenez ezkondu zen eta drogak uzten eta bere bizitza ordenan jartzen ahalegindu zen. Baina zorrak pilatu zitzaizkion eta bertatik alde egitea erabaki zuen bizimoduz aldatzeko, bere ahizpa Kimberlyren aholku eta laguntzarekin. Kimberlyk hegazkin txartel bat erosi zion New Yorkera. Hilabete batzuez errehabilitazioan egon zen, baina azkenean drogetara jo zuen berriz. Eta escort bezala lan egitera, drogak ordaintzeko diru nahikoa irabazteko. Sei hilabete baino besterik ez zeramatzan Amberek New York estatuan desagertu zenean, bere 28. urtebetetzea baino aste bat lehenago. Carolina izenarekin, bere jaioterriarena, bere zerbitzuak Craigslisten eta backpagen iragartzen zituen Amberek. Hegoaldeko eder bat zela zioen iragarkietan, begi berde eta gaztaina koloreko iledun neska gazte baten argazkia atxikiz. Egun gutxitarako erosten zituen iragarkiak eta etengabe berriztatzen zituen, horrela beti eskaintzen goiko aldean agertzeko. Segurtasunagatik edo agian bere telefono propiorik ez zeukalako, bere pisu-lagun Dave Schalleren telefono zenbakia erabiltzen zuen hitzorduak adosteko. Seguruagoa zen bezeroak etxera etortzea haien etxera joan beharra baino. Bezero batekin hotel batean edo etxe arrotz batean geratzen bazen, maiz Dave Schallerek Amber autoan bertaraino eramaten zuen eta kanpoan bere zain gelditzen zen. Baina maizago etxean hartzen zituen Amberek bezeroak, eta, horrelakoetan, Dave alboko gelan egoten zen Amberek zerbait behar ote zuen zain. Behin baino gehiagotan larria bihurtzen zen egoera. Indarkeria mehatxuak gogoratzen ditu Davek eta berak esku hartu beharra, noizbait baseball makila baten laguntzaz bezeroak etxetik at botatzera arte. Ataka arriskutsuetan sartzen zen Amber, horretara ohitua zegoen, Daven iritziz. Txikia izan arren menderaezintzat zeukan bere burua, Davek dioenagatik. Sekula ez zitzaion burutik pasa berari zerbait gerta zekiokeela –bide batez, gauza bera kontatu zuen Sherre Gilbertek bere ahizpa Shannani buruz, hau desagertu zenean. Dave Schalleren hitzetan, Amber bere buruaz arduratuko ez balitz bezala bizi zen. Egiten zuena eta bilakatu zena gorrotatzen zituen Amberek, bere droga adikzioa ordaintzeko escort bezala lan egiten zuen heroinazale bat. Bizimodu umiliagarri eta gutxiesgarri bat zela uste zuen. Hilda hobe legokeela esaten zuen. 2010eko irailaren 2an, dirutza handi bat ordainduko ziola hitzeman zion bezero batekin geratu zen Amber. Berarekin gaua igarotzen bazuen 1.500 dolar eskuratuko zituela esan zion bezeroak, Amberek kobratzen zuena baino sei bider gehiago. Hasiera batean ziria ematen zuen eskaintza hura saltzen tematu zen bezeroa. Arratsaldean zehar hiruzpalau aldiz deitu zion –Daveren telefonora- eta dei bakoitzean luzaro mintzatu ziren Amber eta bezeroa. Amber bezero ezezagunarekin hizketan eroso sentitzen zela ematen zuen. Amberen buruan sartzen jakin zuen bezeroak, hura limurtu zuen, zuhurtziarik gabe jokatzera bultzatzeraino. Gaueko 10:30etan izan zen azkeneko deia eta, honen ondoren, praka bakeroak eta txanodun jaka arrosa bat jantzita, hitzordura abiatu zen Amber. Davek ateraino lagundu zion, besarkatu zuen, musu eman, eta kontuz ibiltzeko eskatu zion. Amberek alde egin zuen. Bezero batekin bakarrik geratzeko. Ez zuen ez telefonorik ezta poltsarik eraman. Amberek escort lanean zeukan eskarmentuarekin. Irailaren 3ko goizean, Amber etxera itzuli ez zenez, honen ahizpa Kimberlyri deitu zion Davek. Ez kezkatzeko esan zion honek –zordunengandik berriz ihesi ariko zela Amber susmatu zuen Kimberlyk, edo bere bizimodutik edo bere mamuengandik-. Hortaz, Davek itxaron egin zuen. 2010eko abenduan, poliziak North Babyloneko etxeko atea jo zuenean Davek bazekien zertara zetozen: “Amber aurkitu duzue, aurkitu duzue.” … Maureen Brainard-Barnesena zen abenduaren 13ko arratsaldean aurkitu zuten lehen gorpua, Melissaren gorputik 75 metro ekialdera. Gilgoko lau biktimetatik desagertuta denbora luzeen zeramana zen Maureen, 2007ko uztailaren 9an desagertu baitzen, 25 urterekin. Egun hartan Norwich hiriko bere etxetik irten zen Maureen, Connecticut estatuan, eta Manhattanera tren bat hartu zuen beste bi lagunekin, Brett eta Sarah izenekoak. Craigslisten jarritako iragarki baten bidez antolatutako hitzordu batera zihoan. Lehenago ere sexu langile bezala aritu bazen ere, zazpi hilabete eman zituen Maureenek lanbide horretatik kanpo; baina, haren ahizpa Melissa Cannek dioenagatik, etsipenak bultzatuta itzuli zen Maureen escort bezala lan egitera. Bi alaben ama ezkongabea zen, lanpostu askotarako aurkeztu zen baina ez zuen lanik aurkitzen Etxetik kaleratu behar zuten bere alabekin. Bere azken aukera zen. Egun bereko arratsaldean Port Authorityko autobus geltokitik Sara Karnes izeneko bere lagun bati deitu zion Maureenek, beldurrez, larri, egunean irabazitako dirua galdu egin zuela esanez. Etxera itzultzeko diru gehiago irabazi behar zuela esan zion, gauez itzuliko zela eta berriz deituko ziola. Brett eta Sarah Norwichera Maureen gabe itzuli ziren Goizean, hirurak Manhattanera iritsi zirenean, hura bere kabuz joan zela eta ordutik zer gertatu zitzaion ez zekitela esan zuten. Manhattaneko Super8 hotel batean gela bat alokatu zuen Maureenek egun hartan, baina gau hartan desagertu zen. Maureenen berririk ez zeukatenez, haren sendiak Norwicheko poliziarengana jo zuen desagerpena salatzeko. Poliziak Maureenen izena desagertutako pertsonen zerrendan jarri zuen eta New York hiriko poliziaren laguntza eskatu zuen hura bilatzeko. Hala ere, poliziak euren kezkak ez zituela serioski aintzat hartu kontatuko zuen Melissa Cannek, Maureenen ahizpak. Maureenek escort bezala lan egiten zuela eta New Yorken desagertu zela esan zietenean, poliziaren erantzuna Maureenek agian ihes egin zuela izan zen, agian bere alabak ez zitzaizkiola uste zutena bezain beste axola. Horrenbestez, Maureen euren kabuz bilatu beharko zutela erabaki zuten haren senideek. Maureenen neba eta Melissaren senarra Manhattanera motorraz joan ziren eta desagertutako neskaren argazkiak erakutsi zituzten, jendeari galdetu zioten ea noizbait ikusi zuten. Inork ez zuen ikusi. Inork ez zuen ezagutzen. “Mundu ezberdin bat da horko kanpokoa. Inori ez zaio ezer axola”, esango zuen Maureenen anaiak. Maureenen desagerpenetik egun gutxira Sara Karnes haren adiskideak dei bat jaso zuen ezkutatutako zenbaki batetik. Gizonezko bat zen, izenik eman ez zuena, eta ez zeukan New Yorkeko azenturik. Maureen ikusi berri zuela esan zion, bizirik zegoela “Queenseko putetxe batean”. Ustezko putetxe horren helbidea ezta ez zion eman, baina berriz deitu eta emango ziola esan zion. Ez zuen inoiz berriro deitu. Gilgo Beachen gorpuak aurkitu zirenean hiltzaile bakar baten biktima zirela laurak jakinarazi zuen poliziak. Aldi berean, Sara Karnesi egindako dei honek antzekotasun handiegia dauka urte bi geroago Amanda Barthelemuyk jasoko zituen deiekin, pertsona bakar batek biak egin zituela susmatzeko adinekoa. Hortaz, Gilgo Beacheko hiltzaile horri bere biktimen oinazearekin jolastea atsegin zitzaiola ondorioztatu dezakegu, haien doluari iseka egitea. (Dei hauek, Sara Karnesi egindakoak batez ere, Mari Gilbertek, bere alaba Shannan desagertu eta egun gutxira, Hackett doktorearengandik jaso zituenekin antzekotasun susmagarri bat ere badaukate. Edo horixe al zen Mari Gilbertek eta bere abokatu John Rayk sinetsarazi nahi zutena? Aurrerago hitz egingo dugu honetaz.) … Abenduaren 13an Gilgo Beachen aurkitu zuten azkeneko gorpua –Maureenengandik 100 metrora eta Melissarengandik 170era, ekialdera- Megan Watermanena zen. Maine estatuko Sacrborough hirian bizi zen Megan eta beste hiru biktimak bezala sexu langilea zen. 2010eko ekainaren 5ean desagertu zen Megan, 22 urterekin, hau da, urte erdi baino besterik ez zeraman desagerturik bere gorpua aurkitu zutenean. Long Islandeko Hauppauge hirian ikusi zuten azkeneko aldiz, bere gorpua aurkituko zuten lekutik 35 kilometrora. Baten bat Shannan Gilberten desagerpenarekin antzekotasunak bilatzen ari bada, bai, halaxe da: Shannan baino hilabete bat geroago soilik desagertu zen Megan, eta hura desagertu zen lekutik 30 km-ra soilik ere. Baina Amber Lynn Costelloren desagerpenetik ere oso hurbil gertatu zen Meganena: hiru hilabete lehenago desagertu zen Megan eta Amber desagertuko zen lekutik 28 km-ra soilik. Mainen bizi bazen ere, ez zuen bertan escort bezala lan egiten Meganek, bezero gutxiago omen zeudelako edo bizilagunek bere lanbidea ezagutzea nahi ez zuelako. Kasua da, bere mutil laguna Akeem Cruz Long Islandeko zela eta bertara joaten ziren biak Akeemen familia bisitatzeko aitzakiarekin. Horrelakoetan Meganek bere lau urteko alaba Lily gurasoekin uzten zuen eta autobusez edo lagun baten Ford Explorerean –bai, beste Ford Explorer bat- Akeem eta biak Long Islanderaino joaten ziren. Akeem zen bere ordenagailu pertsonalarekin Craigslisten iragarkiak jartzen zituena eta hitzorduak ixten zituena. Megan hotelean bezeroekin zegoen bitartean, Akeemek bere senideak bisitatzen zituen. Beste batzuetan, hitzordua bezeroaren etxean zenean, Akeemek Megan laguntzen zuen. Meganek ez zuen hitzorduetara bakarrik joateko arriskua hartzen. Autobusez joan ziren Long Islanderaino Akeem eta Megan azken aldi hartan, eta ekainaren 5ean Hauppauge hiriko Holiday Inn hotelean gela bat alokatu zuten. Arratsaldeko 8etan biak batera hoteletik irten ziren eta Megan ordu erdi geroago bakarrik itzuli zen. Gaueko ordubata eta erdietan Akeemen dei bat jaso zuen Meganek eta, ondoren, berriz hoteletik irten zen. Bera bakarrik, telefonoa eta poltsa hoteleko gelan utzita, sekula egiten ez zuena. Lekuko batek kalean, denda batean sartzen ikusi zuen Megan. Bizirik ikusi zuten azkeneko aldia izan zen. Poliziak Akeem Cruz susmagarri nagusitzat hartuta gogorki itaundu zuen eta haren ordenagailua miatu. Desagerpenaren susmagarri bezala baztertu zuten, baina Akeem ez zen uneren batean ere poliziari laguntzeko prest agertu. … Lau gorpu, lau neska gazte, lau istorio, lau bizitza indarkeriaz modu lazgarri eta sumingarrian moztuta. Lau biktimen istorioen artean elementu amankomun anitzak aurki daitezke, neskak ziren laurak, gazteak, haurtzaro eta nerabezaro gorabeheratsuak izandakoak, gazte ezkondu eta dibortziatutakoak, ama ezkongabeak, drogekin arazoak zeuzkatenak edota estutasun ekonomikoak nozitzen ari zirenak… Laurek ala laurek escort bezala lan egiten zuten, euren zerbitzuak Craigslist bidez iragartzen zituzten eta bezero batekin hitzordu batera joandakoan desagertu ziren. Eta hilda –itoarazita- aurkitu zituzten laurak 400 metroko eremu batean, ilaran jarriak bezala. Gorpuen aurkikuntza eta identifikazioaren ondoren azken datu hau izan zen komunikabideek nabarmendu zutena, alegia, Craigslisten iragarkiak jartzen zituzten escortak zirela laurak. Agian sexuarekin harremana zeukan edozein lerroburuk irakurle eta entzuleen arreta erakartzen zuelako; edo agian Long Islandeko bizilagunak nolabait lasaitze aldera, euren artean serieko hiltzaile bat izan arren, sexu langileei bakarrik eraso egiten zien bat baitzen hura. Ezin daiteke baztertu ezta ere horrelako informazioek iradokitzen zuten epai moralista: nahiz eta zuzenean ez esan, zera aditzera ematen zuten lerroburuek, lau biktimak ikuspegi moralista batetik susmagarria zen lanbide batetan aritu ez balira ez zirela hiltzailearen atzaparretan erori izango. Gilgo Beacheko gorpuen identifikazioak normalean itzalpean aritzen diren langile batzuen gainean jarri zuen hedabideen eta arreta publikoaren fokua. Bizitzan aukera eskasak dauzkaten emakumeak, etsipenez erabaki arriskutsuak hartzen dituztenak, euren sendietatik eta gizartetik ere aldenduta bizitzen direnak askotan, euren jardueraren arrastorik ez uzteko ahalegintzen direnak. Interneten garaian prostituzioa sekula baino eskuragarriago dago eta aldi berean sekula baino arriskutsuagoa bihurtu da sexu langileentzat. Jada ez dute zertan kaleetan lan egin behar, etxetik lan egin dezakete, baina inoiz baino zaurgarriagoak dira bere kabuz lan egitean. Errealitate hau bere gordintasun osoan azaleratu zen Ocean Parkway errepideko bide zidorrean, hiltzaile ezezagun batek bere biktimen gorpuzkiak jaurtitzeko zabortegia bihurtu zuen lekuan. Neska txikiak ziren aurkitutako biktima guztiak –lauretatik hiru bederen-, 1,50 m eta 50 kg ingurukoak, eta horrexegatik “hautatu” zituen hiltzaileak agian. Craigslisten argitaratutako argazkiak begiratuz, hiltzaileak neska ahul eta arinenak aukeratu bide zituen, errazago erailko zituenak eta errazago autoan sartu eta bide bazterrean jaurtiko zituenak, zabor zaku bat balira bezala. Kasua da, datu hori behin eta berriz errepikatzeagatik, jendeak eta hedabideek izenik eta aurpegirik gabeko hiltzaile hari “Craigslisteko hiltzailea” izengoitia jarri ziotela; eta baita ere “Gilgo Beacheko hiltzailea” edo “LISK”, “Long Island Serial Killer” hitzen akronimoa. Bestalde biktimen lanbidea hainbeste azpimarratzeak haien senideen sumina piztu zuen, ulergarria denez. Melissa Cannek, Maureenen ahizpak, gai honi buruz esan zuena lauren kasurako balioko luke: Bere ahizpa escort bezala aritzen zela, bai, baina hori baino askoz gehiago ere bazela jakin behar zuen jendeak. Pertsona bat zen, ama bat, alaba maite bat… bere familiarentzat den-dena zen. Bere ahizpak ahots bat behar zuela esan zuen Melissa Cannek, aurretik zeuzkan duintasuna eta errespetua berreskuratzeko. … Lau biktima, desagertutako lau neska gazte modu krudelenean aurkituta. Baina oraindik haien lauren aurkikuntza suertatu zuen bilaketak ez zuen esperotako emaitza lortu. Haiek laurak bezalako beste neska gazte bat, haurtzaro zaila izan zuena, arazo psikologikoak zeuzkana, drogak hartzen zituena, escort bezala aritzen zena eta Craigslisten iragarkiak jartzen zituena, desagertua zirauen oraindik. Shannan Gilbert ez zen agertu. Bilaketak jarraitu behar zuen. VII – 2011KO UDABERRIA: JESSICA TAYLOR, JANE DOE 6, JANE DOE 7, JANE DOE 3, JOHN DOE ETA BABY DOE Ocean Parkwayko iparraldeko bide bazterra hiltzaile baten zabortegia zela jakinik, bide bazter horretako sasi, txilar eta huntz pozoitsuen artean miatuz jarraituko zuten Shannan Gilberten bilaketa hurrengo hilabeteetan. Ekialderantz jarraitu zuten bilaketa, lau gorpuak agertu ziren gunetik Oak Beacheraino doazen 11 kilometroak arakatuz. Logikoa zen alde batetik ekialderantz jarraitzea, Oak Beach baitzen Shannan desagertu zen lekua, baina bestalde jurisdikzio arrazoi batek behartuta ere hartu behar izan zuen norabide hori Suffolkeko poliziak: abenduan gorpuak aurkitu ziren gunea Nassau konderriko mugatik hurbil zegoen, eta, mendebalderantz joanez gero, ezingo zuten ikertzen jarraitu ahal izango, Nassauko konderrian ez baitzuten eskumenik. Eremua zabala ez izan arren, bilaketa lanak oso mantsoak ziren begetazioak asko eragozten zituelako. Altua eta itxia zen begetazioa Ocean Parkwayko bide bazterrean –sasiak eta txilarra batez ere- eta akainez beteta zegoen, bai pertsonei eta baita txakurrei ere gaixotasunak kutsatzen dizkietenak. Hain itxia zen begetazioa, ezen ikerketa lanak ari ziren gunera bertaratutako kazetariek ez zituztela sasi artean sartuta zeuden polizia eta txakurrak ikusten, nahiz eta haien aurrean metro gutxi batzuetara baino besterik ez egon. Gorpuak bilatzeko hezitako txakurrak ez ziren oso pozik sastraka artean sartzen, ez baitzuten gogoko sasiek muturrean eta begietan jotzea. Huntz pozoitsuak eragindako zauriengatik ere hogei polizia agente artatu behar izan zituzten. Richard Dormer komisarioak esan zuen bezala, “lan aspergarri eta luze bat da hau, baina holakoa da hilketa-poliziaren lana beti, ez da telesailetan agertzen den modukoa, egun batetik bestera emaitzak dauzkan lan bat”. Bilaketa lanetara teknika berri bat gehitu zion poliziak: Suffolk konderriko lau hiritako suhiltzaileen kamioak erabili zituzten. Suhiltzaileen kamioiek eskailera luzagarriak zeuzkaten, bilatzaileak zorutik sei metrora igo zitzaketenak. Horrela bilatzaileek gainetiko beste ikuspegi zabalago bat zeukaten, eta zoruan gorabeheraren bat errazago antzeman zezaketen. Bilaketa mantso baino arretatsuak aurkikuntza txundigarri gehiago ekarriko zituen Gilgo Beach eta Oak Beach arteko bide bazterretan. … 2011ko martxoaren 29an, Gilgo Beach inguruan ere, Megan Waterman aurkitu zuten puntutik 1,3 km ekialdera, besaburu baten eta esku pare baten hezurrak, eta giza garezur bat aurkitu zituzten. Haien DNA aztertu eta poliziaren erregistroetan jasotako norbaitenak zirela baieztatu zuten: Jessica Taylorenak ziren garezurra eta eskuak. Jessica Taylor? Bai, 2003ko uztailean Manorville inguruan, egur pila baten gainean, bururik ezta eskurik gabe aurkitu zuten 20 urteko neska. Jessica Manhattanen ikusi zuten azken aldiz, eta bai New Yorken eta baita Washingtonen ere prostituta bezala aritu zela bazekien poliziak. Jakina, nahiz eta ia zazpi urte igaro Jessicaren gorpu mutilatua aurkitu zenetik, poliziak ez zuen haren hiltzailea aurkitu, ezta susmagarririk atxilotu ere. Bost egun geroago, apirilaren lauan, beste hiru biktimen gorpuzkiak topatuko zituzten Ocean Parkwayko bide zidorrean, sastraka artean. … Jessica Taylorren eskuak eta garezurra aurkitu zen puntutik 2,1 km ekialdera, beste giza garezur bat, esku pare baten eta eskumako oin baten hezurrak topatu zituen poliziak. Oak Beach auzotik, eta hortaz Shannan Gilbert desagertu zen lekutik, gertuen egingo zuten aurkikuntza izango zen hau. Hezurron DNAren azterketak, poliziak erregistratutako norbaitenak ere bazirela jakinaraziko zuen, baina kasu honetan izenik gabeko norbaitenak: “Jane Doe 6” izenarekin identifikatua zeukan poliziak buru eta esku haien jabea zen neska, biktima ezezagunekin erabili ohi den izena. 2000ko azaroan Manorvillen aurkitu zuten neska haren gorputz enborra –aipatu dugunez-. Jessica Taylor eta Jane Doe 6-ren kasuen artean antzekotasun handia zegoen, handiegia -hilketa, gorpuen mutilazioa eta gorpuzkien sakabanatzea gune beretan-, hiltzaile bakar baten lana zirela ondorioztatzeko, eta hortaz, Jane Doe 6 hura ere, Jessica bezala, prostituta izan behar zela susmatzeko. Baina ia hamaika urtetan poliziak ez zuen ez hiltzailea atxilotu ezta biktima bera identifikatu ere. 2011ko irailean poliziak Jane Doe 6-ren erretratu bat plazaratu zuen, haren garezurrean oinarriturik egindakoa. 1,55 neurtzen zituela, eta 18 eta 35 urte artean izan behar zituela esan zuten, norbaitek hura identifikatzen lagundu ote zezakeen jakiteko. (Soilik 2020ko maiatzean, haren hilketatik hogei urteren ondoren, Jane Doe 6, Valerie Mack zela jakinaraziko zuen poliziak. Suffolkeko komisario berriak, Hart andreak, eman zuen aurkikuntzaren berri. Valerie prostituta bezala lan egindakoa zen, bai, lan horretan ari zela atxilotu baitzuten behin Philadelphian. Bere familiak azken aldiz New Jerseyn ikusi zuen 2000. urteko udaberrian.) … Egun berean, eta Jane Doe 6ren hezurrak aurkitu zituzten gunetik 60 metrora soilik, ordurarteko aurkikuntzetatik oso ezberdina zen beste batekin topo egin zuten bilatzaileek: 18 eta 24 hilabete arteko neskatila baten gorpua manta batean bilduta, urrezko iduneko eta belarritakoekin. Eskeletoa baino besterik ez zen gelditzen, baina gorpuak ez zeukan ageriko indarkeria aztarnarik. Hori zela eta, hasiera batean poliziak ez zuen neskatilaren heriotza hilketa bezala ikertu eta beste hipotesi batzuk jarraitu zituen. Haurraren adinagatik ez zirudien nahigabeko haurdunaldi baten aurrean zeudela ezta ere, kasu horietan amak bere haur jaioberria erditu eta ordu edo egun gutxitara hil edo abandonatzen baitzuen. Neskatila manta batean bildu izanak, hildako haurrarekin lotura estu bat iradokitzen zuen. Hortaz, kriminologistek uste zuten haurraren heriotza agian ezbeharren batengatik, arduragabekeriagatik edo bestelako arrazoiren batengatik gertatu zela, eta haren guraso edo zaintzaile bat heriotza ezkutatzen saiatu zela, legearekin arazorik ez izateko. Horrelako kasuetan gainera, adituen iritzian, ziurrenik ez zen haurraren ama izan gorpua hain leku ezkutuan utzi zuena, antzeko kasuetan amek etxetik hurbil ezkutatzen baitituzte gorpuak. Gizonezkoak, haurren aitak edo aitapontekoak, izan ohi dira gorpuak etxetik aldentzen eta leku ezkutuak bilatzen saiatzen direnak. Jane Doe 6ren hezurretatik hain hurbil aurkitu izanak, neskatila haren alaba izan zitekeela susmatzera bultzatu zuen, baina DNA frogek susmo hau baztertu zuten. Neskatila arraza beltzekoa zela jakitera emango zuen poliziak ere. Identifikatzea lortu ez zutenez, Baby Doe bezala ezagutuko zuten. … Azkenik, apirilaren 4an ere baina mendebalderago, abenduko gorpuak aurkitu ziren lekutik hurbilago, beste gorpu bat aurkitu zuten, buruan kolpe gogor baten aztarna zeukana. Gorpuzki haiek aztertzean, kasu honetan hildakoa gizonezko bat zela jakin zen eta asiar jatorrikoa. 1,65 metro neurtzen omen zituen, lau hortz falta zitzaizkion eta 18 eta 25 urte artean izan behar zituen hil zutenean. Aurkitu zutenerako 5 eta 10 urte artean omen zeramatzan hilik. Desagertutako pertsonen zerrendan asiar jatorriko bakarra zegoen Long Islanden, baina haren datuak ez zetozen bat aurkitutako gorpuarekin. Ez zutenez identifikatzea lortu, John Doe izena jarri zioten. Gorpu honekin batera emakumezko arropak aurkitu ziren, alegia, hildakoa emakumez jantzia omen zegoen hil zutenean. Hau zela eta, John Doe emakume bezala bizi zela eta –beste biktima adin nagusiak bezala- sexu langilea zela ondorioztatu zuten ikertzaileek. Bezero batek hilko zuen John Doe, beste guztiak bezala, honen kasuan, agian, gizonezko gorputza zeukala aurkitutakoan. Jane Doe 6ren kasuan bezala, 2011ko irailean poliziak John Doeren erretratu bat kaleratu zuen ere, haren garezurrean oinarriturik, hildako biak identifikatzeko publikoaren laguntza eskatzeko. … Zortzi hilotz 3 kilometro eskaseko esparruan, ilaran jarriak bezala zortziak. Neskatila txikia izan ezik, beste zazpiak indarkeriaz hildakoak, eta haietatik identifikatuta zeuden bostak sexu langile izandakoak –identifikatu gabeek ere lanbide bera zeukatela susmatzera zeramana-. Argi zegoen Ocean Parkway errepideko bide zidorra, Gilgo Beach eta Jones Beach inguruan, hiltzaile batek edo batzuek zabortegi bezala erabili zutela. Bilaketak jarraitu behar zuen, hiltzaile ezezagun haren edo haien ankerkeriak beste aurkikuntza harrigarri eta desatseginak ezkutatzen ote zituen jakiteko. 5.000 dolarreko dirusaria eskaini zuen poliziak hilketa hauekin harremana izango lukeen atxiloketa batera eramango lukeen zantzu batengatik. Gainera, bilaketa hasiera batean bultzatu zuen pertsona desagertua, Shannan Gilbert, ez zen oraindik agertu. Ez hilik ezta bizirik ere. Polizia iturriek orduan ziotenagatik, Gilbert inguru hartan egon behar zuela sinesten zuten. Dormer komisarioak esan zuen bilaketa arretatsua izan bazen ere, bilaketa eremua hain deseroso eta zakarra izanik, litekeena zen zerbait ez ikusi izana eta berriro ere arakatuko zutela. Baina, hala ere, Ocean Parkway errepideak Suffolk konderrian zeukan zatia nahiko miatu zutenez, bilaketa mendebaldera, errepideak Nassau konderrian zeukan zatira, luzatu beharko zutela erabaki zuten polizia agintariek. Nassauko poliziaren laguntza eskatu zuten horretarako. Nassauko polizia agintariek bilaketan 125 pertsonek parte hartuko zutela iragarri zuten, batzuk polizia txakurren laguntzarekin eta beste batzuk zaldi gainean, eta Suffolkeko eskarmentudun bilatzaileen laguntza izango zutela. Halaxe, Mallia ajenteak eta Blue polizia txakurrak Nassau konderrian euren bilaketa arrakastatsuekin jarraitu zuten. Apirilaren 11an, Malliak eta Bluek, Nassauko poliziako Joe Grella izeneko polizia agente batekin batera, garezur bat aurkitu zuten plastikozko poltsa baten gainean. Poltsa barruan giza hezur gehiago zeuden. Aurkikuntza Zach´s Bayn inguruan izan zen, Ocean Parwayko iparraldeko bide bazterrean ohi bezala, eta Gilgo Beachetik 11 km mendebaldera. Egun bereko arratsaldean bilatzaile taldeak beste giza garezur bat eta hortz bakan batzuk aurkitu zituzten Tobay Beachen: Ocean Parkwayko iparraldeko bazterrean, beste bederatziak bezala, Gilgo Beachetik 4 km mendebaldera. Nassau konderriko Ahaldun Nagusiak, Edward Manganok, hilketa haien guztien atzean zegoen “piztia” Justiziaren aurrera eramango zutela agindu zuen. … Bederatzigarren biktimaren gorpuzkinen artean urrezko bi eskuturreko aurkitu zituzten. X eta O hizkien itxurako apaingarriak zeuzkan batak eta diamante itxurako harri merke batzuk besteak. Informazio hau plazaratu zuen poliziak biktimaren identifiaziora lagunduko zuen norbait aurkitze aldera, baina zantzurik ez zitzaien iritsi eta Jane Doe 3 izenarekin identifikatu zuten. Aste bat lehenago Gilgo Beachen aurkitu zuten haurrak ere urrezko apaingarriak zeuzkan eta, kasualitate bat izan zitekeena besterik gabe, DNA frogek baieztatu zuten: Jane Doe 3 eta Baby Doe, ama eta alaba ziren. Baby Doe ere, hortaz, hiltzaile beraren beste biktima bat zen. Hiltzaileak ama eta alaba hil zituen eta haien gorpuzkiak elkarrengandik 25 kilometro aldendu zituen. Eta konderri ezberdinetan! Alegia, polizia jurisdikzio ezberdin bitan abandonatu zituen ama eta alabaren gorpuak, polizia ikerketa gehiago eragozteko. (Bost urte beranduago, 2016ko abenduan, Nassauko poliziak eta New York estatukoak jakitera eman zuten, DNA azterketen emaitzengatik, Jane Doe 3ren gorpuzkiak eta 1997. urtean Hampstead Lake parkean aurkitu zituztenak, emakume berarenak zirela. Lehenago aipatu dugu aurkikuntza hau: zaborrontzi batean aurkitu zuten emakume beltzaren gorpua, mertxika itxurako bihotz bat tatuatuta zeukan eta poliziak “Peaches” –mertxikak- izena jarri ziona. 1997an aurkitu zuten gorpuak zesarea baten orbaina zeukan eta 2010ean oraindik ikertzaileek hildakoaren semea edo alaba, ordurako 13 urte gutxienez izan behar zituena, non ote zegoen galdetzen zuten. Bada, “Peaches” aurkitu zutenetik ia 20 urte joan zirenean, azkenean jakin zuten haren alabak ere epe berdina zeramala hilik, Baby Doe baitzen Pecahesen alaba. Hiltzaileak, hortaz, ez zuen soilik ama eta alabaren gorpuak estatu ezberdinetan aldendu, amaren gorpuzkiak ere konderri ezberdinetan sakabanatu zituen, haien bien arteko loturaren aurkikuntza ia hogei urtez atzeratuz.) Bai Peaches eta bai Baby Doe, hau idazten ari garenean eta hil zituztenetik 23 urte joan direnean, oraindik ez dituzte identifikatu. … Apirilaren 11an Tobay Beach inguruan aurkitu zituzten garezur eta hortzak identifikatu ezin izan zuten emakumezko batenak ziren eta, hortaz, Jane Doe 7 izena jarri zioten. DNA azterketak ez zion hildako emakumeari izenik edo aurpegirik jarri, baina bai, laster, lehenago aipatu ditugun beste gorpuzki identifikatu gabeekin lotu zuten. Jane Doe 7rena zen, hamabost urte lehenago, 1996an, Fire Islandeko Davis Parken zabor poltsa baten barruan aurkitu zuten hanka parea hain justu. Jane Doe 7 ere, gaurdaino, identifikatu gabe dago. … Azken aurkikuntzak egin ziren unean, poliziak ez zeukan argi hiltzaile bakar baten biktima ote ziren Ocean Parkway inguruan aurkitutako hamarrak. Halaxe adierazi zuen Dormer komisarioak hasiera batean. Ezberdintasun nahikoak zeuden 2010ko abenduan aurkitutako lau biktima eta 2011ko udaberrian aurkitutakoen artean. Hasteko, denboran nahiko aldenduta gertatu ziren biktima multzo biren hilketak. Abenduan agertutakoak 2007 eta 2010 artean hil zituzten, eta besteak askoz lehenago, 1996 eta 2003 urteen artean heriotza data zehatza zeukatenak. Gilgo Beacheko laurak itoarazita hil omen ziren eta haien gorpuak osorik aurkitu zituzten arpilera zakuetan bilduta. 2011koak ordea modu ankerrean zatikatuak izan ziren ia kasu guztietan, eta, guztien heriotzaren kausa zehaztu ezin izan bazen ere, kasuren batean buruan kolpe gogor bat hartuta hil zituzten. Baina antzekotasunak ere bazeuden biktima guztien artean. Guztiak, hamarrak, ez zituzten aurkitu zituzten lekuan bertan hil, ostera, beste lekuren batean hil eta haien gorpuak ezkutatzen saiatu zen hiltzailea –edo hiltzaileak-. Eta antzekotasun nagusia, errepide bazter bakarti bera aukeratu zuela hiltzaileak –edo hiltzaileek- gorpuak ezkutatzeko, 15 km-ko lerro zuzen bat marraztu baitzitekeen hamar gorpuak aurkitu ziren puntuak lotuz. Suffolkeko polizia departamentuko komisarioa Richard Dormerek, azkenean, hamar biktimak hiltzaile bakar baten beraren lana zirela, eta Baby Doe izan ezik beste bederatziak sexu langileak zirela adieraziko zuen. Suffolkeko Distritoko Fiskala Thomas Spottak, ordea, bederatziak sexu langileak zirela adierazteari gehiegizkoa zeritzola esan zuen, bost soilik identifikatuta izanik. Arrazoi horrengatik eta berak zeuzkan beste zalantza batzuengatik, biktima guztiak hiltzaile bakarraren lana zirela ezin zitekeela ziurtatu esan zuen. Hiltzaile biren edo hiruren biktimak zirela adieraziko zuen Spottak orduan. Eztabaida gogorra, sutsua, izan zuten Dormerek eta Spottak gai honen inguruan Suffolk konderriko batzar legegilearen aurrean. Bien arteko desadostasun publiko horrek bestelako tirabirak eta arazoak ezkutatzen zituela susmarazi behar izan zion norbaiti, aurrerago xehatuko ditugunak eta ikerketari eragingo ziotenak. Garai berean, FBIren bozeramaleak, James Margolini izenekoak, agentzia federalak 2011an zehar Suffolkeko poliziari laguntzen aritu zela jakinarazi zien hedabideei. Laguntza honen adibide bezala, gorpuak aurkitu ziren inguruetako airetiko argazkiak atera zituztela esan zuen, eta beste edozein eskakizuneri erantzuteko prest zeudela. FBIren adierazpen hauek eta laguntza eskaintza hau existitu zirela nabarmendu beharra dago, hilketen ikerketak handik gutxira hartuko zuen bidea –edo desbideratzea- azaltzeko funtsezkoak suertatuko baitziren. Laburbilduz, poliziaren iritzi ofizialean hamar biktimak serieko hiltzaile bakar baten lana ziren, LISK izenarekin ezagutua izango zena, eta, haren lehen biktima ezaguna 1996koa zenez -Jane Doe 7-, 15 urte zeramatzan LISKek bere krimenak egiten atxilotua izan gabe. Egun, 2020an, LISKek ez dauka ez izenik ez aurpegirik, inor ez baitute –oraindik- hamar hilketa hauengatik atxilotu. Suffolkeko poliziak 25.000 dolarrera igo zuen atxiloketa batera eramango zuen zantzu bategatiko ordainsaria. Eta EEBBtako beste polizia agentzien laguntza eskatu zuen. VIII – JENNIFER PAPAIN Ikerketak aurrera egin zuen. Suffolkeko poliziak biktimen senide eta lagunak itaundu zituen, eta baita sexu lanaren munduko jendea, zerbait entzun edo ikusi zuten jakiteko. Biktimek euren hitzorduak Interneteko web orri jakin batzuen bidez adostu zituztela ezaguturik, web orri horietako trafikoa ere miatu zuten aztarnen bila. Biktimen telefonoetako deien historia-zerrenda ere ikertu zuten, noski, baina escort bezala aritzen ziren neskek telefono bat baino gehiago zeukaten beti, eta askotan epe laburrean soilik erabil zitezkeen telefonoekin lan egiten zuten, aztarnarik ez uzteko. Informazio kontrajarriak egon ziren hasieran susmagarrien inguruan. Suffolkeko poliziako iturri ofizialek susmagarri jakinik ez zegoela adierazi zuten, baina poliziako beste iturri anonimoek Suffolkeko bizilagun bat zelatatzen ari zirela, krimen hauen inguruko zantzuren bat aurkitze aldera, esan omen zuen. ABC telebista kateak ikerketapean zeuden pertsonen zerrenda bat ikusi zuela kaleratu zuen, Long Islandeko bizilagunak zirela zerrendan agertzen ziren guztiak, polizia indarretan edo larrialdietan eskarmentua zeukatenak batzuk, eta baita hondartzara maiz joateko ohitura zeukaten beste batzuk. Ikerketak iraganean antzeko krimenak egin zituztenengana eraman zuen polizia ere. Aipatu dugun Joel Rifkinek urteak zeramatzan kartzelan, 1993an atxilotu baitzuten, baina hasiera batean Ocean Parkwayn aurkitutako gorpuetatik zaharrenetariko baten bat haren biktima izan zitekeela susmatu zen. Eta berriz galdekatu zuten Rifkin, kartzelan. Rifkinek hilketa haiekin guztiekin inolako zerikusirik ez zeukala esan zuen –iraganean ez zuen inolako arazorik izan poliziak frogatutako baino hilketa gehiago aitortzen-. Baina ez ziren horretara mugatu Rifkinen erantzunak: LISK ezezagun berriaren lepotik barre egin zuen ere. Biktima guztiak leku berean jaurtitzea hiltzaile trakets baten lana zela esan zuen, poliziaren lana errazten zuelako. Berak biktimak itoarazten zituela gogoratu zuen Rifkinek, eta ondoren “indioilar bat bailiran” zatikatzen zituela eta Long Island osoan zehar, eta New York estatutik kanpo ere, sakabanatzen zituela haien gorpuzkiak, identifikazioa eta atxiloketa oztopatzeko. Hori bai, LISKek bere biktimak aukeratzen bazekiela onartu zuen Rifkinek, prostitutak “biktima egokiak” baitziren. LISK nor izan zitekeen galdetu ziotenean, Rifkinek Suffolkeko bizilagun bat izan behar zuela erantzun zuen, bere lanagatik arpilera zakuak erabiltzera ohitua zegoena. Lorezain, arrantzale edo eraikuntzako langile izan behar zuela apustu egin zuen Rifkinek. LISKen biktimen gorpuak agertu baino hilabete batzuk lehenago, 2010eko martxoan, haren hilketen oso antzeko beste bat gertatu zen Long Islanden. Martxoaren 22an, 26 urteko Jennifer Papain, Craigslist bidez ezagutu zuen bezero batekin adostu zuen hitzordura irten zen North Patchogue hirian. Ordu pare batean itzuliko zela esan zuen. Egunak igarota ez zenez itzultzen, haren sendiak salaketa jarri zuen polizian. Kasu honetan poliziak, Jenniferen telefono deien aztarna jarraituz, bere azken bezeroa Chad Johnson izeneko beste Long Islandeko bizilagun bat zela aurkitu zuen. Chad atxilotu eta honek berak Jenniferen gorpuraino eraman zituen, Long Island Expressway errepide alboko basoan lurperatu zuena, bere etxetik hurbil. Itoarazi zuen. Escort bezala aritzen zen beste neska gazte bat, bezeroak Craiglist bidez bilatzen zituena eta holako hitzordu batera joandakoan itoarazita hil zutena. Antzekotasun asko beste biktima guztiekin, eta burua lehertarazteko moduko beste bat ere: Jenniferen gorpua Chaden autoan garraiatua izan zela baieztatu zuena, Blue polizia txakurra izan zen, Gilgo Beacheko biktimetako asko eta Nassau aldeko batzuk aurkitu zituena bera. Funtsezko ezberdintasun bat ere: kasu honetan hiltzaileak aurpegia eta izena zeuzkan. Zerikusirik izango al zuen Chad Johnsonek beste hilketekin ere? Aintzat hartu beharrekoa zen gutxienez Megan Waterman eta Amber Lynn Costello ezin zirela Chad Johnsonen biktimak izan, hura atxilotu ondoren desagertu baitziren –gauza bera gertatzen zen Shanann Gilbertekin-. Ikertua izan arren, eta polizia departamentu berak ikertua gainera, Suffolken gertatu baitzen ere Jenniferen hilketa, ez omen zen Chad Johnsonen aurkako froga gehiagorik aurkitu, eta Jenniferen hilketagatik soilik epaitu eta kondenatu zuten. Nola liteke Jennifer Papainen kasuan poliziak haren hiltzailea hain epe laburrean atxilotu eta epaitzea lortu izana, eta aldi berean LISKen hilketen kasuan atxiloketarik ez egotea? Zergatik ezberdintasun hura bi kasu hain antzekoetan, batez ere LISKen kasuan poliziak bestean baino zantzu eta aztarna askoz gehiago izanik? Atxiloketarik ez egoteak susmoak piztu zituen polizia indarren inguruan. Hiltzailea bera polizia indarretakoa izan zitekeenaren susmoa zabaltzen hasi zen, eta poliziaren barnetik ikerketa oztopatzen ari zenaren zurrumurrua. Amanda Barthelemyri egindako deiak jartzen zituzten frogatzat susmo honen defendatzaileek. Dei haiek hiru minutu baino gehiago ez zuten irauten, poliziak deiaren aztarna jaraitzeko behar zuena baino gutxiago beti, eta gune jendetsuetatik egiten zituen hiltzaileak, inguruko segurtasun kamerek bakandu ahal ez izateko. Honek hiltzaileak poliziaren jarduera goitik behera ezagutzen zuela esan nahi zuen, kasuan interesa zeukaten askorentzat. Baina kriminologian adituak ziren hainbaten ustean ere, Peaches eta Baby Doeren gorpuak bi estatu ezberdinetan jaurti izanak, hiltzailearen aldetik poliziaren barne antolakuntzaren ezagutza sakon bat aditzera ematen zuen. Ama eta alabaren gorpuak bi jurisdikzio ezberdinetan ezkutatu izana erabaki hausnartu eta makur bat zen, hilketa bien aurkikuntza eta ikerketa atzeratu eta eragotziko zituena, polizia agentziak esan dugunez euren lurralde boterea babesten baitute eta euren arteko elkarlana ez baita behar bezalakoa. Dormer komisarioak onartuko zuen hasiera batean ikerketa ildo hau aintzat hartu zutela. Baina laster baztertu zutela esan zuen, gaur egun oso erraza baita jendeak poliziaren jardunbidearen xehetasunak ezagutzea -zinema edo telesailetatik edota hedabide eta Interneteko agerkarietatik-, eta, hortaz, krimenak eta zantzuak ezkutatzeko eta atxiloketa bat eragozteko modu eraginkorrenak ezagutzea ere. Konspirazio edo “konspiranoia” kutsu bat zeukan hiltzailea polizia zenaren susmoak, eta ikerketatik baztertu zuten laster serioa ez zirudielako. Baina hura bezalako Internet bidezko ikerlari amateuren “konspirazioak” ez lituzke poliziak beti hain erraz baztertu beharko, nahiz eta ganoragabeak izan itxuraz. Zergatik diogun holako zerbait? Bada, susmo haren bigarren zatia, hots, polizia barnetik norbait ikerketa oztopatzen ari zela, zirudiena bezain ganoragabea ez zela frogatuko baitzen denborarekin –geroago ikusiko dugunez-. Interneteko ikerlari amateuren foro hauetan –websleuths-en esaterako- bi hiltzaileen teoria landu zuten hainbatek, nahiz eta poliziaren ikerketa lerro ofiziala hiltzaile bakarrarena izan. Teoria honen defendatzaileen arabera, bi modus operandi ezberdin nabari zitezkeen LISKen hamar biktimen artean, bi nortasun ezberdin iradokitzen zituztenak. Gilgo Beacheko lau biktimak “garaikur hiltzaile” izeneko baten lana ziruditen. Gorpuak osorik zeuden, hiltzaileak ez zuen haien identitatea ostendu eta elkarrengandik oso hurbil zeuden guztiak. Honek guztiak, hiltzaileak Gilgo Beacheko inguru hartan bere “garaikur lorategia” eraiki zuela esan nahi zuen, alegia, bere biktimak, bere lorpenak, aldiro bisitatzeko leku bat. Beste sei biktimen kasuan, ordea, hiltzaileak gorpuak mutilatu eta zatitu zituen, ez zituen gorpuak gehiegi ostendu, baina haien identitatea ezkutatzen ahalegindu zen. Ezberdintasun hauek biktimok beste hiltzaile ezberdin baten lana zirela esan nahi zuen, teoria honen arabera, “gorputz-enbor hiltzaile” izeneko bat. Hiltzaile bakarraren teoriari jarraiki, Suffolkeko poliziak hiltzailea Long Islandekoa izan behar zuela sinesten zuen. Peachesen edo Jane Doe 7ren gorpuzkiak Long Islanden oso sakabanatuak aurkitu ziren, Manorvillen eta Gilgo Beachen batenak eta Davis Parken eta Gilgo Beachen bestearenak. Distantzia luzetara, konderri ezberdinetan eta hortaz jurisdikzio ezberdinetan sakabanatu zituen bi biktima horien gospuzkiak. Horrenbestez, Long Island ondo ezagutzen zuen norbait izan behar zen hiltzailea, inguruetan eroso mugitzen zena. Ikerketari buruz plazaratutako datu guztiekin, New York Times egunkariak kriminologo eta serieko hiltzaileetan aditu talde bat elkarrizketatu zuen LISKen profilaren deskribapen bat lortzeko, haien artean FBIko agente ohi bat gaizkileen profilak egiten aditua. Gaizkileen profilatzea zientzia zehatz bat ez zela aurretik jakinik, honako deskribapen hau argitaratu zuten egunkarian: Ziurrenik gizonezko zuri bat izan behar zuen, 25 eta 45 urte artekoa, ezkondua zegoena edo neska laguna zeukana. Heziketa onekoa zen eta ondo hitz egiten zuen. Finantzen aldetik egoera seguru batean zegoen, lanbide bat zeukan eta auto garesti baten edo furgoneta baten jabea zen. Ospitaleren batean artatu behar izan zuten huntz pozoitsuak eragindako zauriengatik. Bere lan edo zaletasunengatik arpilera zakuak erabiltzen edo pilatzen zituen. Eta Ocean Parkwaytik hurbil bizi zen edo bizi izan zen, inguru hura gorpu guztiak ezkutatzeko erabili izana ezin zitekeelako kasualitatea izan, ingurua ondo ezagutzen zuen norbaiten hautua baizik. Tipo arruntaren itxura izan behar zuen. Arrazionala zen, gizarte harremanetarako abilezia zeukan eta limurtzailea izan zitekeen. Gilgo Beacheko lau biktimak udan desagertu –eta hil- izanak bestelako zantzuak iradokitzen zituen adituentzat: litekeena zen hiltzailea udan emazte, seme-alaba edo gurasoengandik libre egotea, edo hiltzailearen fantasia edo erritual batzuekin lotura izatea udak. Arpillera zakuak ere esanguratsuak ziren: erritualaren parte izan zitezkeen edo soilik eskura zeukan biltzeko tresnarik errazena. Arpillera zakuak plastikozko poltsak baino zailagoak ziren aurkitzen eta haien aztarna errazago jarrai zitekeen, hortaz, FBIko agente ohiaren ustean, hiltzailearen erritualaren parte bat ziren. Long Islandeko aurreko bi serieko hiltzaileekin, Rifkin eta Shulmanekin, alderatuz, esan dugunez, biktima mota berberak aukeratzen zituzten hirurek, baina LISKek, beste biak ez bezala, leku berean pilatu zituen gorpuak. Horretaz gain, New York Timesen elkarrizketatutako adituen iritzian, hirurak “hiltzaile ordenatuak” ziren. Hiltzaile desordenatuak inpultsibo eta arduragabeak dira, errazak dira atzematen eta sarritan ez dauzkate serieko hiltzaile deituak izateko nahikoa biktimak. Hiltzaile ordenatuek, ostera, bizitza itxuraz arruntak daramatzate, antolatuak, adimentsuak eta heziera onekoak dira. Sarritan, poliziaren jarduerak ezagutzen dituzte. Eta hiru hiltzaileek motibazio bera partekatu zezaketen ere: Joel Rifkin sadiko psikosexual bezala diagnostikatu zuten, hilketengatik gozamen sexuala eskuratzen baitzuen. LISKek ere antzeko motibazio bat izan behar zuela sinesten zuen FBIko agente ohiak. Amanda Barthelemyri egindako deiek sadiko bat zela iradokitzen zuten. -Bere eguneroko bizimoduan islatu behar da izaera hori. Auto batek katu bat harrapatzen duenean edo mutiko bat bizikletatik erortzen denean barre egiten duen tipoa da. Besteen oinazeak atsegin zaizkio, eta berak eragin edo ikusi ditzakeenean benetan gustuko ditu. Baina adierazpen hauek ikerketatik kanpo, modu ez ofizialean egin ziren. FBIk eskaintza egin bazuen ere, ez zen hiltzailearen profil ofizial bat egin. FBIren laguntza zeukanean ere, Suffolkeko polizia ez zen gaizkileen profil ofizialak egitearen aldekoa. Profil ofizial bat izanez gero, eta atxiloketaren bat egingo balute, susmagarria profileko daturen batekin bat ez baletor, abokatuek haren defentsan erabil zezaketela zioten Suffolkeko poliziatik. Edonola, atxiloketarik ez izanik ere, ikerketa ez zegoela geldialdian ziurtatzen Dormer komisarioak, aurrera zihoala. Eta baita biktima gehiagoren bilaketak, Shannan Gilbert ez baitzen oraindik agertu. IX – 2011: MARI GILBERT ETA JOHN RAY Aurkitutako hamar biktimen kasuekin alderatuta, Shannan Gilberten desagerpenaren kasuan funtsezko ezberdintasunak zeuden: Shannan ez zen bakarrik eta telefonorik gabe joan bezeroarekin elkartzera, lagunduta baizik, eta, gauaren erdian desagertu baino lehen, erdi zoratuta korrika ikusi zuten lekukoak bazeuden. Hala ere, Mari Gilbert eta bere alabek eta baita hauen abokatuak, John Rayk, Shannani beste hamar biktimei gertatutakoaren antzeko zerbait gertatu zitzaiola beldur ziren, eta polizia ez zela behar bezalako arduraz haren desagerpena ikertzen ari salatzen zuten. LISKen hamar biktimen kasuan haien bezeroa izan bazen hiltzailea, Shannanen kasuan ere bezeroa izan behar zen lehenbiziko susmagarria. Joseph Brewer itaundu eta ikertu zuen Suffolkeko poliziak, baina laster baztertu zuen susmagarri bezala. Brewerek berak esango zuenez, Shannanek 911 zenbakira egindako deiaren grabazioak poliziak bera errugabetzat jotzen lagundu zion. (Brewerek Oak Beach auzoko bere etxea, The Fairway kaleko 8. zenbakia, salduko zuen eta beste leku batera bizitzera joango zen, hedabideen etengabeko galdeketa eta zelatatzeetatik ihes egite aldera.) 911rako deian “nire atzetik dabiltza” omen zioen Shannanek, eta haren atzetik lekukoek –Gus Colettik, kasu honetan- ikusi zuten pertsona bakarra asiar jatorriko auto gidaria izan zen. Michael Pak ere itaundu zuen poliziak eta gezur detektagailu bat ere gainditu zuen, susmagarri bezala baztertua izan baino lehen. Pakek ere esango zuen 911rako deiaren grabaketak lagundu ziola. (Shannan urduri, erdi erotuta, korrika ikusi zuen beste lekukoak, Barbara Brennan andreak, Oak Beachetik alde egin zuen ere, kasuak sortutako harrabotsatik ihes. Gus Colettik ez, Gus Coletti kasuarekin harremana zeukatenen artean Oak Beachen geratuko zen bakarra izan zen, baina kasua argituta ikusi gabe zenduko zen.) Baina beste hirugarren funtsezko susmagarri bat ere bazegoen Gilbert sendiaren iritzian, poliziak behar bezala ikertu ez zuena: bere burua kasuaren erdian bere borondatez sartu zuen Peter Hackett doktorea. Mari Gilbertek zioenagatik, Hackett doktoreak 2010eko maiatzaren 3an –astelehenean- deitu zion, Shannanen mutil lagunak honen desagerpena jakinarazteko deitu baino lehen. Eta zera esan ziola errepikatzen zuen Marik, Shannan bere etxean zegoela, kaleetatik irten nahi zuten neskentzat errehabilitazio etxe bat zeukala berak eta Shannan bertan zegoela. Shannan bila Oak Beacheraino joan zirenean, Gilbertarrek Hackettekin topo egin zuten eta dei hauei buruz galdetu zioten. Halako deiak egin izana ukatu zuen Peter Hackettek –telebista kameren aurrean ere egingo zuen- eta Shannan ez zuela sekula ikusi esan zuen. Baina Mari Gilberten telefono zenbakiaren deien zerrenda historikoak oso bestelako zerbait frogatu zuen: Hacketten emaztearen sakelako telefonotik ez zuen dei bat bakarrik jaso, bi baizik, maiatzaren 3an eta 6an. Poliziaren aurrean erantzun behar izan zuen Hackettek dei haien arrazoi eta edukiari buruz. Hasiera batean dei haiek egin izana gogoratzen ez zuela esan zuen, dei ugari egin eta jasotzen dituen pertsona bat zelako. Baina, gogora ekarri zizkiotenez, Mari Gilbertek esaten zuena berak ez zuela inoiz esan mantendu zuen. Shannanen bila ari ziren lagun batzuek –Alex Diazek eta Michael Pakek- eskatu ziotelako deitu zuela adierazi zuen, Oak Beacheko bizilagunen elkartearen izenean haren familiari babesa eskaintzeko. -Uneren batean ere ez nuen iradoki Shannanekin topo egin nuenik edo hari nolabaiteko mediku artatzerik eskaini nionik –errepikatu zuen Hackettek. Baina Gilbertarrek ez zuten holakorik sinesten. -Deiak egin izanari buruz gezurra esan bazuen, zergatik ez da deien edukiari buruz ere gezurretan ariko? Beste zenbat gauza ezkutatzen ari da? –esango zuen Mari Gilbertek. Poliziak laster baztertu zuen Hackett susmagarri bezala eta Mari Gilbertek polizia “beraietako bat” babesten eta haren gaiztakeriak estaltzen ari zela aldarrikatu zuen. Egia zen Peter Hackettek iraganean Suffolk konderriko larrialdi zerbitzuan lan egin zuela –ez polizia departamentuan zehazki-, mediku eta zirujau bezala, baina ez zen babestu beharreko inolako pertsonaia boteretsu edo garrantzitsurik. Ostera, bere jokaera xelebreengatik ezaguna zen Hackett Suffolkeko polizian. Hasteko, konderriko bere lanpostutik kaleratu zuten, laneko telefonoa lanorduetatik kanpo erabiltzeagatik. Bestalde, konderriarentzat lan egiten zuen garaian esanguratsua izan zen, eta oraindik gogoratzen zuten bere lankide ohiek, 1996an Suffolkeko polizia departamentua nola lotsarazi zuen Hackettek. Urte hartan, uztailaren 17an, TWAren 800. hegaldiaren tragedia gertatu zen. JFK aireportutik irten eta 12 minutura, Suffolk inguruan, Boeing 747 hegazkin batek eztanda egin zuen airean. Barnean zeramatzan 230 pertsonak hil ziren. Irudika daitekeenez, hegazkinaren eta biktimen aztarnak Long Island zehar barreiatu ziren. Bada, une hartan, munduko begi guztiak Suffolk gainean jarriak zeudenean, Peter Hackett doktorea albistegietan agertzen hasi zen ikerketari buruz –ustezko- informazioak ematen, ikerketaren arduradunetako bat balitz bezala. Horrenbestez, Suffolkeko poliziarentzat, Peter Hackett bere buruari zeukana baino garrantzi handiagoa ematen ohitua zegoen gizagaixo bat baino besterik ez zen. Besamotz zen Hackett eta protesi bat zeraman, eta horrek, agian, nolabaiteko konplexua eragiten zion eta, konpentsazio mekanismo bezala-edo, bere buruari garrantzia ematen zion eta arazoen erdian jartzen zen. Laburbilduz, poliziaren jargoian, Hackett “urtxintxa” bat zen, hau da, harrabots handirik sortu gabe atxilotu daitekeen norbait. Peter Hackett bere emazte, seme eta alabarekin bizi zen Oak Beacheko bere etxean, eta Shannan desagertu zen gauean laurak etxean zeudela frogatu zuen poliziak. Hortaz, ez zen sinesgarria Hackettek Shannanen desagerpenarekin –edota LISKen biktimen heriotzekin- harremana izan zezakeenik: Bi bizitza ezberdin ote zeramatzan eta bata bere familiari ezkutatzen zion? Urtetan? Edo bere familia osoa desagerpen edota hilketetan konplize ziren? Posibilitate biak zentzugabeak ziren. Hacketten abokatuak esango zuenez, bere bezeroak laguntzen ari zela sinesten zuen, deiak egin zituenean, baina oker zegoen. Oak Beacheko beste bizilagun batzuek, ordea, Mari Gilbert eta Ray abokatuaren teoriak indartu zituzten. Hackettek, doktorea izanik, DEAren lizentzia bat zeukan, X maila edo zeinua zeukana, alegia, opioideak preskribatzeko eskubidea ematen ziona. Horren harira, Joe Scalise izeneko bizilagun batek kontatuko zuen, Hackett, poliziatik kaleratu zutenetik, ia droga saltzaile bat bezala aritzen zela Oak Beacheko bizilagunekin, medikamentuak preskribatzeko zeukan eskubidea baliatuz. Baina gehiago kontatuko zuen Scalisek: honen arabera, Tom Canningek esan zion Peter Hackettek lasaigarri bat eman ziola Shannan Gilberti, desagertu zen gauean –gogoratzen dugunez, Tom Canning, Barbara Brennanen deiari erantzunez txakurrarekin agertu zen bizilaguna zen, eta Peter Hacketten laguna-. Tom Canningek, bere aldetik, Hackettek ez zuela sekula Shannan ikusi adierazi zuen, eta Scalise zoro zegoela. Egia esan, Scaliseren adierazpenak edozein jabeen komunitatetan gertatzen diren urtetako lehia eta liskarren beste adibide bat baino besterik ez ziruditen –konspiranoiak maila gorenera eramanak, hori bai-. Hacketten aurkako susmoak mantendu eta areagotzeko beste zantzu batzuk ere aurkituko zituzten Mari Gilbertek eta Rayk. Adibidez, Oak Beacheko segurtasun kameren grabazioak ezabatu izana. Shannanen ibilbideari buruz zeuden frogak ikusita, Oak Beacheko bi segurtasun kamerek grabatu behar izan zuten haren ihesa, sarrerakoak eta Anchor Bay kalean zegoenak. Norbait Shananen atzetik ibili bazen edo hark norbaitekin topo egin bazuen, kamera haien irudiek frogatuko zuten. Baina gau hartako irudiak ezabatuta zeuden poliziak eskatu zituenerako. Eta segurtasun kamerak Bizilagunen Elkartearen Batzordeak kudeatzen zituen. Eta batzordeko arduraduna Hackett omen zen. Nahikoa zen hau Marirentzat –eta Rayrentzat batez ere, honek errudun bat behar baitzuen- Hackett zerbait ezkutatzen ari zela frogatzeko. Azkenik, Hackettek Mari Gilberti egindako bigarren deiaren aztarna, maiatzaren 6koarena, ez zetorren Long Islandetik, baizik eta New Jerseyko dorre batetik. Susmagarria gertatzen zen hau, New Jerseyn bizi baitzen Shannan; baina gainera, Hackettek adierazi zuen ez zela New Jerseyn egon garai hartan –gezur gehiago?-. Mariren ustez Hackett egia ukatzen ari zen berriz ere. Eta Rayren ustez, jokaera hau LISKenarekin bat zetorren: Amanda Barthelemyri ere deiak egin zizkion hiltzaileak eta leku jendetsuetatik ere. Zertan zebilen Hackett desagertuaren bizilekuan? Kasua zen, nahiz eta Gilbertarrek eta haien abokatuak aurkakoa uste, poliziak Shannan bilatzen jarraitzen zuela, ordura arte ikasitakoa baliatuz. Ocean Parkwayko bide bazterrak goitik behera miatuta zeudenean, Oak Beachera itzuli zen bilaketa, eta zehatzago, Oak Beacheko etxeen eta Ocean Parkway errepidearen artean zabaltzen zen padurara. Lehenago ere, ikerketaren hasieran, eremu hori arakatua zuen poliziak, Shannanen azken urrats ezagunek harantz zuzentzen zirela baitzirudien, baina ez zuten ezer aurkitu eta bilaketa esparru zabalago batean jarraitu zuten. Baina azken urte eta erdian Ocean Parkway bazterreko sasien artean zerbait ikasi bazuten, zera izan zen, zantzu asko begi aurrean izanda ere askotan ikusten ez direla. Horrenbestez, Oak Beacheko padurako lupetza eta bihi itxien artean berriz arreta handiagorekin miatzera itzuli ziren. Suhiltzaileen kamioiak ere ekarri zituzten oraingoan, airetiko ikuspegia zein lagungarria zen jakinik. Luzeran bi kilometro inguru zeuzkan padurak, eta zabaleran 330 metro inguru. Zentimetroz zentimetro miatu zituzten agenteek eta txakurrek. Eta 2011ko abenduaren 11an, Shannan desagertu zen egunetik 18 hilabete beranduago, haren prakak, zapatak eta diru-zorroa aurkitu zituzten basa artean. Handik aste betera, lehenbiziko aurkikuntzatik laurehun metrora, Shannanen eskeletoa aurkitu zuten. Aurkitutako gorpuzkiak aztertu ondoren, forentseak Shannan Gilberten heriotzaren kausa zehaztu ezin zitekeela ebatzi zuen bere txostenean. Bestalde, Shannanen gorpuzkietan droga aztarnarik ez zela aurkitu bazioen ere forentsearen txostenak. Shannan desagertu zenean drogek eragindako egoera psikotiko batean zegoela uste zutenen teoria baliogabetzen zuen honek; baina baita Gilbert familiaren teoria, hots, Peter Hackettek Shannani nolabaiteko lasaigarriren bat eman ziola. Edonola, Dormer komisarioak esango zuenez, aurkitu zutena eskeleto bat baino besterik ez zen, ez zegoen aztertzeko materia gehiegirik. Forentsearen ebazpenak zalantzak eragin zitzakeen arren, Suffolkeko poliziak Shannan LISKen biktima ez zela uste zuen, ezbehar baten ondorioz hil zela baizik. Shannan urduri eta ero moduko egoera batean paduran sartu zen, zapatak lupetzan hondoratuta eta bihi itxien artean aurrera, ihesean. Arto edo gari zelai batean bezala, ezer ikusi gabe gaueko azken minutuetan aurrera egin zuen, irteera baten bila. Baina irteerarik ez zegoen. Arropak, bustita eta basaz, pisu gehiegi hartzen zihoazen eta aurrera jarraitzea eragozten zioten. Zapatak eta prakak erantzi zituen arinago mugitu ahal izateko eta aurrera jarraitu zuen. Erdi biluzik, Long Islandeko kostaldeko gau hotzean. Bustita, akituta, hotzak jota, azkenean shock batek hilda buruz behera erori zen lupetzan. Gilbert ama-alabek ez zuten poliziaren bertsioa sinesten eta Shannan norbaitek hil zuela mantentzen zuten. Antzekotasun gehiegi zegoen haien iritziz LISKen biktimen eta Shannanen heriotzaren artean, haien artean loturarik ez zegoela ziurtzat emateko: sexu langileak ziren guztiak eta Craigslist bidez ezagututako bezero batekin egon ondoren desagertu ziren guztiak, eta gainera LISKen biktimen gorpuak Shannan desagertu zen lekutik 7 km-ra baino besterik ez ziren aurkitu. Gehiegizko kasualitatea Gilbertarrentzat. Eta hauen abokatu Rayrentzat. Ray abokatu bat zen, ez borondate oneko erakunde baten ordezkaria. Mari Gilbertengana hurbildu zenean, Shannanen kasuan Gilbert familiaren interesak ordezkatzeko asmoarekin, Rayren azken fineko xedea ikusgarritasuna eta dirua lortzea zen, ez justiziaren kontzeptu ideal bat, diru sarrerarik eragiten ez zuena. Mari Gilbertek ez zeukan abokatuak ordaintzeko dirurik, eta halaxe nabarmendu zuen sarritan Rayk berak: Shannanen kasua ikertzeko eta aurrera bultzatzeko berak diru asko aurreratu zuela eta ez zuela ezer kobratzen. Hortaz, argi zegoen Rayk bilatzen zuena Gilbertarrentzat kalte ordain garrantzitsu bat lortzea zela, haren zati oparo bat eskuratu ahal izateko komisio bezala. Errudun bat behar zuen Rayk. Norbaiten aurka auzibide bat hasi beharra zeukan Rayk, eta auzitegiak errudunari kalte ordain bat ezarri ziezaiola. Eta Shannan ezbeharrez hil bazen ez zegoen errudunik. Bat-batean Shannanen kasuak balizko diru iturri bat izateari utzi zion, eta Rayk kasuan inbertitutako diru, denbora eta esfortzuak galdutzat eman beharko zituen. (LISKen eta Shannan Gilberten inguruko beste erreportaje eta artikuluetan ez da, haietako batean ere ez, aurrekoak bezalako iruzkinik aurkitzen, agian Ray abokatuaren auzibide baten beldurragatik. Baina lerro hauek haren belarrietara iritsiko ez direla ziur gaudenez, argi utzi nahi dugu hemen, gure iritzian, Rayren jarrerak eta asmo ezkutu baina nabariek zenbat kalte egin zioten Shannanen heriotzaren inguruko ikerketari eta, aldi berean, LISKen biktimenari ere.) Hackett errudun bezala salatzen tematu zen Ray, Gilbert familiaren izenean. Hacketten etxea, txalupa eta autoa ez zirela behar bezala miatu salatu zuen. Shannanen gorpua aurkitu zen lekuko lurra ezta ez zela aztertu salatu zuen ere, Shannan bertan usteldu ote zen edo ez frogatzeko. Hilketen ikerketa arruntenetan egin beharreko gauza asko ez zirela egin eta egin behar ez zirenak egin zirela esan zuen Rayk. Poliziaren arduragabekeria hauek guztiak susmagarriegiak zirela eta polizia Hackett babesten aritu zela mantentzen jarraitu zuen Rayk hedabideen aurrean. Azkenik, 2012ko azaroan, Gilbert sendiak, Peter Hacketten aurkako auzibide zibil bat hasi zuen, Shannan Gilberten heriotzagatik. Demandak ez zioen Hackettek Shannan borondatez hil zuenik. Breweren etxetik ihes, Hacketten etxean sartu omen zen Shannan, demandaren arabera, eta bertan Hackettek lasaigarriren bat edo bestelako drogaren bat eman zion eta etxetik irteten utzi zion. Mari Gilbertek demandan adierazten zuen Hackettek telefonoz esan ziola Shannan bere etxean egon zela eta lasaigarri bat eman ziola. Horren eraginpean Shannan galdu eta azkenean hil omen zen. Hackettek ez zukeela Shannan egoera hartan etxetik irteten utzi behar, zioen Mari Gilbertek, Shannanen heriotza ekidin ahal izan zuela Hackettek. Eta ondorioz kalte ordaina eskatzen zioten. Odurako Hackett Floridan bizi zen, Oak Beachetik eta Shannanen kasuaren harrabotsetik ahal bezain beste urrunduta. Epaia ez zen Gilbertarren –eta Rayren- eskaeren aldekoa izan. Baina Rayk –eta Gilbert sendiak- ez zuen etsi. 2015ean Michael Baden doktorearen zerbitzuak kontratatu zituzten. 80 urte zeuzkan Badenek orduan eta erretiratuta zegoen, baina 1961etik 1986ra arte New York hiriko forentse bezala lan egin zuen, eta 1978 eta 1979 artean hiriko forentse nagusia izandakoa zen. Urte haietan guztietan 3.000 hilketa baino gehiago ikertu zituen, haien artean John Fitzgerald Kennedy presidentearena eta Martin Luther Kingena, eta suizidio eta droga gaindosiak ere. Ospe handiko forentsea, hortaz. Eta garestia, ziurrenik. Shannanen gorpuaren autopsia independente bat eskatu zuen Gilbert sendiak, eta Badeni eman zion enkargua. -Oso arraroa da neska bat itota hiltzea, beste lau neska gazte itoarazita agertu diren tokitik ehunka metro batzuetara. Ez da estatistikekin bat datorren zerbait –adieraziko zuen Badenek bere eskarmentudun iritziarekin. Shannanen gorpua aztertu ondoren, hioide hezurraren erdian zirkulu itxurako zulo txiki bat nabaritu zuen Badenek, ertz latz bat zeukana, haustura bat iradokitzen zuena. -Hioide hezurrak urradura bat dauka. Haustura bat balitz urradura hori, Gilbert andereñoa itoarazi zutenaren zantzu indartsu bat litzateke –jakinarazi zien Badenek kazetariei. Poliziaren forentseak egindako argazki originalak eta X izpiez egindakoak aztertu beharko zituela gaineratu zuen, ondorio ziurragoak ateratzeko. Edonola, hioide hezurraren inguruko kartilagoa ez zela kontserbatzen nabarmendu zuen Badenek, eta aldi berean txosten originalean galdu zenik ez zela aipatzen. Behin autopsia bukatu eta gero ehun bigunak ez kontserbatzea ohiko prozedura zela onartzen zuen Badenek, ez zegoela horren atzean frogak ezkutatzeko asmorik, baina hioidearen inguruko kartilagoaren laginik gabe ezingo zuen ziur heriotzaren kausa zehaztu. -Itotze kasuetan gorpua ia beti buruz behera agertzen da, ez gora begira –Shannanen kasuan bezala-. Nahikoa zantzu dago bigarren begirada bat botatzeko. Badenen adierazpen honek zalantzak eragin zitzakeen ere, baina forentsearen txostenak ez zioen inon Shannan itota hil zenik, haren heriotzaren kausa zehatzezina zela baizik; eta poliziaren teoria Shannan hotzak eta nekaldiak jota hil zela zen. Badenek ondo erantzun zion Gilbert eta Rayren eskaerari, Shannanen heriotzaren inguruko zalantzak bizirik mantentzeko, baina ez zuen errudun bat -borondatez edo arduragabekeriaz- aurkitzeko balio izan. 2015eko martxoan ehortzi zuten azkenean Shannan Gilberten gorpua Amityvilleko hilerrian. Bitartean, Shannanen gorpua aurkitu zuten unetik bertatik eta ehortzi zuten arte, LISKen biktimen ikerketak bira bihur bat jasan zuen –eta harekin ezinbestez lotuta zegoen Shannan Gilbertenak ere, jakina-. X – 2012: THOMAS J. SPOTA ETA JAMES BURKE 2011ko abenduan, Shannan Gilberten gorpua aurkitu eta egun gutxitara, Suffolkeko Ahaldun Nagusi hautatu berriak, Steve Bellonek, hurrengo urtarriletik aurrera konderriko polizia departamentuko nagusia James Burke izeneko polizia bat izango zela iragarri zuen. Aipatu dugunez, garai hartan, poliziaren komisario Richard Dormerek eta Distritoko Fiskal Anthony J. Spotak eztabaida sutsu bat izan zuten Suffolkeko batzar legegilearen aurrean, LISKen krimenen atzean zegoen hiltzaile kopuruari buruz –Dormer hiltzaile bakarraren teoriaren aldekoa zen eta Spota hiltzaile anitzenaren aldekoa-. Liskar honek Suffolkeko polizia departamentu eta Distritoko Fiskalaren bulegoaren artean zeuden tirabirak agerian jarri zituen, LISK eta Shannan Gilbert kasuetatik haratago zihoazen arrazoi sakonagoak izan behar zituztenak. Spota fiskalak polizia departamentuan gehiago esku hartu nahi zuela argi zegoen, Suffolkeko politika eta botere borrokei buruz zerbait zekien edonorentzat. Eta James Burkeren izendapenarekin Spotak irabazten zuen borroka, azkenean polizia departamentuaren gailurrean bere “gizona”, bere “eskuin eskua” jartzea lortzen baitzuen. Izan ere, eta xehatuko dugun moduan, James Burke beti izan baitzen Spotak polizia departamentuan zeukan besoa. Burkek komisario zibil bat izango zuen bere gainetik, ordura arte Richard Dormer izan zena, Spotaren aurkaria, baina Dormerek 2011ko abenduan hartuko zuen erretiroa, justu Burkeren agintaldia hasi aurretik. Aurrerantzean komisarioaren agintea teorikoa izango zen eta praktikan guztiak jakingo zuten nork agintzen zuen polizia departamentuan. Halaxe azpimarratu zion Steve Bellone ahaldunak Newsday egunkariari: -Komisario kargurako hautatuko dudan pertsonak Burke maitatu beharko du. Ez badu maitatzen, ez da kargurako egokia izango. Edonola, Spotak irabazten bazuen ere, izendapen legezko eta demokratiko bat izan zen Burkerena, Ahaldun Nagusiak izendatu baitzuen, ez Spotak berak –horrelakorik bere esku ez baitzegoen-. Hala izan al zen? Bai, hauteskundeak izan ziren 2011 hartan Suffolken, esan dugunez, eta haietara aurreko Ahalduna, Steve Levy, ez zen berriz hautatua izateko aurkeztu. Bada, Levyren erabaki hau Spota fiskalarekin hitzartutako itun baten partea zen, Spotak esku artean zeukan ikerketa bat geldiarazteko –egun ez dakigu Levyk delituren bat egin ote zuenetz-. Erraz nabari daiteke, hortaz, Bellone Spotaren beste beso bat zela, konderriko botere exekutiboan kasu honetan. Botere borrokek eta agintari aldaketek Suffolkeko poliziaren lanaren gainean eragina izango zuten eta, horien artean, jakina, LISK eta Gilbert kasuen gainean –baldin bi kasu ezberdin baziren-. Norainokoa? Burkeren izendapenarekin batera, Varrone detektibeen nagusiak eta Patrick Cuff patruila nagusi batek esango zutenez, beraiei eta beste bi departamentutako nagusiei, hilaren amaierarako erretiroa hartu beharko zutela esan zieten edo bestela kargugabetu eta kapitain izendatuko zituztela. Cuff izan zen kargugabetzea onartu zuen bakarra, finantzen aldetik ez baitzegoen erretiroa hartzeko prestatuta. Beste hirurak euren etxeetara bidali zituzten. Suffolkeko historia osoko ikerketa handienaren erdigunean zeuden poliziak ziren guztiak, zehazki Varrone ikerlari edo detektibeen nagusia zen, eta bat-batean handik eskuak kendu behar izan zituzten. Varronek espero zuen kasuaren inguruan zeukan eskarmentua eta ezagutza aintzat hartuko zutela agintari berriek, ikerketarekin aurrera egiteko, baina nagusi berriekin informazioa eskualdatzeko aukerarik ez zioten eman. Dormer komisarioak, bere erretiroa aurreikusita bazegoen ere, departamentu barnean eskualdaketarik ez zela eman berretsi zuen, Burke ez zela berarekin edo Varronerekin inoiz mintzatu. Hurrengo urtean, 2012ko amaieran, FBIk Spota fiskalaren bulegoari LISK hiltzailearen profil bat egitea eskaini zion –“Mindhunter” telesailean gertatzen den antzera-, baina fiskalaren bulegoak eskaintzari uko egin zion. Garai berean, Burkek, FBIrekin elkarlanean ari ziren bi ofizial lekualdatu zituen. 2010ean sortu zen FBI eta Suffolkeko poliziaren arteko lantaldea, MS13 hondurastar bandak Brentwood eta Central auzo latinoetan zeukan botereari eta eragiten zuen bortizkeriari aurre egiteko. MS13ko partaideak hilketa bortitz kate baten arduradunak ziren eta hilketa haiek argitzeko konderriak FBIren laguntza behar zuen. Lantaldearen barnean John Oliva eta Willie Maldonado izeneko ofizialen lana oso preziatua zen, jatorri latinokoak izanik auzoetako bizilagunen konfiantza lortzen zutelako. Bada, talde honen enkargua oraindik abian zegoenean, 2012ko irailean, Burkek Oliva eta Maldonado taldetik atera eta auzo baketsuagotara lekualdatu zituen. Haietako batek, geroago jakingo zenez, funtsezko aitormen bat lortzear zebilen. Euren kuarteletan bueltan, babes eta laguntzarik gabe aurkitu ziren bi detektibeak. Erabaki hauek argi uzten zuten Spota eta Burke FBIk Suffolken zeukan presentzia murrizten saiatzen ari zirela. Zer zela eta? Zergatik ez zuten nahi FBIk LISK kasua iker zezala? Susmoak hauspotu zituen honek. Burkek LISKen hilketekin nolabaiteko harremana zeukala eta kasua argitu ez zedin jokatzen ari zelako zurrumurrua zabaltzen hasi zen. Baina agian Burkek FBIri zion beldurra LISK kasutik harago zihoan. Nor zen benetan James Burke susmagarri hori? Nola iritsi zen New York estatu osoko hoberen ordainduta zegoen polizia departamentuko nagusi izatera, 2.500 ofizial dauzkan polizia gorputz baten nagusi izatera? Bada, salbuespen bat zen Burke, zeukan espedientearekin, beste edozein polizia departamentuan ez bailitzateke buruzagi kargurako hautagairik izango. Baina Suffolk arau askoren salbuespena zen. James Burke eta Thomas Spotaren arteko harremana askoz lehenago hasi zen, 1979an, Burkek 14 urte baino besterik ez zeuzkanean, Long Islandeko historiako krimen esanguratsuenetariko batekin. Urte hartan, apirilaren 21ean, Joseph Sabina izeneko bizilagun batek John Pius, 13 urteko gaztetxoa, Dogwood institutuaren aurrean etzanda geldirik topatu zuen. Norbaitek harriak sartu zizkion indarrez eztarrian eta itota hil zen. Kasua orduan fiskal gazte bat zen Thomas J. Spotari esleitu zioten. Spotak ez zuen froga zuzenik aurkitu baina, azkenean, Smithtown hiriko lau gazte errudun jotzea lortu zuen, haietako baten aitormenean eta haien lagun baten, James Burkeren, lekukotzan oinarrituta. Une hartan kasuaren begirale askok zalantzan jarri zuten Burkeren beraren erantzukizuna, aitortu zuenagatik ez baitzituen bere lagunen ekintzak geldiarazi edo oztopatu. Lau gazteen aurkako epaiarekin ez zen kasua itxi, hurrengo urteetan hainbat helegite jarri baitziren haren aurka eta haietako batean zigortutako baten aitormena froga bezala baliogabetu egin zen. Oraindik egun teoria anitz dabil benetan gertatu zenaren inguruan, Piusen aita zela hiltzailea, droga saltzaile batek egin zuela… Kasuarekin urtetan harremana izan duten askoren ustean, zigortutako lau gazteak errugabeak ziren. Baina Spotak harrabots handiko kasu batean bere salaketaren aldeko epai bat lortu zuen, Distrituko Fiskalaren bulegoan gora egiten bultzatuko ziona, Burkeren laguntzarekin. Eta jakina, Burkeren lekukotzaren sinesgarritasunaren inguruan ere zalantzak daude. Burke garai hartan maila txikiko lapur eta droga saltzailea zela diote orduan ezagutu zutenek. Marihuana eta haluzinogenoak saltzen omen zituen eta 1979an marihuana saltzea egun baino arazo larriagoa zen. Horrenbestez, Pius kasua ondo ezagutzen dutenek diote Spotak erraz manipulatu zezakeela Burke: honen txikizkako krimenengatik Burke kartzelan sartzeko nahikoa zio zeukan Spotak, baina laguntzen bazion eta berak eskatzen zuen lekukotza ematen bazuen, bertan behera utziko zituen Burkeren aurkako salaketak. Antza denez, Spotarekin egindako ustezko lehen itun hura atsegina gertatu zitzaion Burkeri, zeren, garai hartako eskola lagun batek dioenagatik, jada orduan Burkek polizia izan nahi zuela esaten zuen, legea urratu eta libre atera ahal izateko. Ofizialki 1986ean sartu zen Burke Suffolkeko polizia departamentuan, 21 urterekin. 1991ean, 26 urterekin, sarjentu izendatu zuten, eta jada orduan Spotaren konfiantzazko gizona omen zen. Bi urte geroago, 1993an, Barne Arazoetako ikerketa baten objektu izan zen. Ikerketa honen txostenaren arabera, Burkek bere polizia autoan sexu harremanak izan zituen Lowrita Rickenbauer izeneko prostituta eta droga saltzaile batekin. Burkeren jurisdikzioan behin baino gehiagotan atxilotua izandakoa zen Lowrita, hortaz, Burkek soberan jakin behar zuen norekin zebilen. Gainera, Lowrita Rickenbauerekin irten zeneko batean, pistola galdu zuen. Burke ezagutzen zutenek txostenetik kanpo bestelako portaeraren bat gelditu zela gaineratzen dute, Burkek droga saltzaileei estortsioa egiten ziela drogak lortzeko hain justu, eta bere neska lagunarekin hartzen zituela. Horrelako txosten batekin beste edozein poliziak ez luke sekula departamentuan gora egingo –kaleratu ere ez balute-, bestelako laguntzarik baldin ez balu. Baina Burkeren aurkako txostenak ez zuen eragin handirik izan haren karreran, are gehiago, orbainik gabe biziraun zuela esan daiteke. Izan ere, txostenean bertan esaten zen Burke “kaleko polizia ona zela eta tokiko jendearen ezagutza xehea zeukala”. Hala uste zuten ere garai hartan ezagutu zutenek: nartzisista hutsa zen, baina atsegina izan zitekeen hala nahi baldin bazuen. Polizien polizia bat izatearen sona zeukan eta bere adimen naturalak unibertsitate ikasketak ez izatea konpentsatzen zion. Jendaurrean hitz egitean inspiratzailea zen. “Starsky” deitzen zioten orduan bere lankideek, erdi txantxetan erdi miresmenez. Bere jurisdikzioko Urteko Ofiziala izendatu zuten Burke ere. Bestalde, sexuarekin obsesionatuta zegoela diote ere. Noizbait drogak hartzen ikusi zuen baten batek, baina bere benetako zaletasuna emakumeak ziren, ez drogak. Horrela, Burke polizia departamentuko nagusi izatera irits zitekeela uste ote zuten galdetzean, erantzuna ezbairik gabekoa da garaiko lekuko batentzat: inola ere ez, mozkor gidatzeagatik poliziatik botako zutela uste zuten, baina Spotaren mutila zen eta horrek salbatzen zuen. Eta halaxe gertatu zen. 2011an, buruzagi izendatuko zuten urtean, polizia auto batekin talka egin zuen mozkor gidatzen ari zela. Ezbeharraren lekutik alde egin zuen eta ez zion poliziari informatu. Gero, delitua ezkutatzeko, konponketa guztiak ordaindu zituen –milaka dolarrak. Sexuarekin obsesionatuta omen zegoen polizia bat, prostitutekin harremanak izateagatik ikertua izan zena eta, horretarako eskumena izan zuenean, FBIren begiak bere aldamenetik aldentzen saiatu zena: laburbilduz, LISKen hilketen atzean zegoen pertsona izateko susmagarri aproposa. Bada, horrela gertatu zen, James Burkek LISKen hilketekin edo haietako baten batekin harremana izan zezakeelako zurrumurrua zabaldu zen. Baina Burkek ez zuen agintari federalen gainbegirada aldendu hiltzaile psikopata bat zelako, Suffolkeko polizia eta fiskaltzan nagusi zen ustelkeria ezkutatzen ahalegintzen ari zelako baizik. Egitura ustel horren gailurrean, edo egitura osoko irudi nagusietako bat bezala behintzat, Thomas J. Spota Distritoko Fiskala zegoen. 2002an iritsi zen Spota Suffolkeko Distritoko Fiskala izatera eta orduantxe izendatu zuen Burke bere bulegoko ikerlarien nagusi. Aurretik ere, fiskal bezalako bere lanean Spotak etikaren aurkako jarduerak izategatik salaketak jaso zituen. Fiskal bezala parte hartzen zuen kasu kriminaletan, biktimaren abokatu zibil bezala jarduten zuen. Zer suposatzen zuen honek? Akusatuaren aurka zenbat eta zigor handiagoa lortu, harik eta handiagoa izango zen ere normalean biktimaren aldeko kalte ordaina, eta horrela Spotak, legea defendatzeaz gain –fiskalaren lana- diru sarrera handiagoak lortzen zituen. Horretaz gain, maila goragoko ustelkeria zantzuak ere bazeuden Spotaren gainean. Aipatu dugu 2011ko hauteskunde exekutiboetan Spotaren aldeko hautagaia, Bellone, hautatu zutela aurreko Ahaldun Nagusia ez zelako aurkeztu. Baina Spota bera ere birritan hautatuko zuten aurkaririk gabe. Azkenengo hauteskundeetan konderriko lau alderdiek, demokratak, errepublikanoak kontserbadoreak eta independenteak, euren babesa aurkeztu zioten. Ray Perini izeneko fiskal errepublikano bat Spotaren aurka aurkezten saiatu zen, baina bere alderdikideek iritziz aldarazi zuten. Poliziak bere aurkako ikerketa bat hasi zuela salatu zuen Perinik. Polizia indarrez gain, botere politiko maila handia zeukan Suffolkeko poliziak, hiri handi bateko polizia departamentuan pentsaezina litzatekeena. Botere politiko hori mantentzeko eraikitako ustezko egitura ustelaren oinarrian dirua zegoen, poliziek irabazten zituzten soldata izugarriak. Suffolken polizia lana ez zen klase ertaineko lanbide bat, ostera, EEBBetako hoberen ordaindutako polizia gorputzen artean zegoen Suffolkekoa. Ofizialek 125.000 dolarreko soldata jaso zezaketen, New York hiriko bere pareko lankideek baino 50.000 dolar gehiago. Honetaz aparte ordu estrak eta antzinakotasunagatik ere kobratzen zuten. Detektibe eta sarjentuek urtean 200.000 dolar ere irabaz zezaketen. Burkek berak, esaterako, urtero 200.000 dolar baino gehiago irabazten zituen bere azken karguan. Sistema jasanezin bat eraiki zuten poliziek, urtero ehunka milako ordainsariak jasoz, konderria gainbehera fiskalean zegoen bitartean. Eta sistema hura mantentzeko, politikariak, botere legegile eta exekutiboa, kontrolatu behar zituzten poliziek. Nola? Suffolkeko poliziak “Long Island Law Enforcement Foundation” izeneko Super PAC bat sortu zuen. Super PAC izeneko erakundeek donazioak jasotzen dituzte, kopuru mugarik gabe, jendearengandik, enpresengandik edo erakundeengandik, diru hori hautagai baten kanpaina bultzatzen erabiltzeko. Lege barrukoa da jarduera hau EEBBetan. Long Island Law Enforcement Foundation honek, berez, “Police Benevolent Association” izeneko uste oneko elkarte baten donazioak jasotzen ditu hain justu, eta, jakina, poliziaren “pribilegioak” mantendu eta babestuko dituzten hautagaiei laguntzeko erabiliko ditu funtsak. Hau guztia, berriz ere, legearen barruan. Baina susmoak daude Police Benevolent Association horrek nahitaezko donazioak jasotzen dituela polizien partetik, eta hori bai legearen aurka doala. Polizien artean gehiengo batek PBA horren jardueraren aurka dagoela baina beldurragatik ezin dutela hitzik egin dio oposizioko politikari batek, eta PBA bera Suffolkeko administrazioko goi karguen ustelkeriaren ondorio bat dela. Ustelkeria giro honen erdian eta Spotaren babespean, jarduera desegokiak izatera eta haietatik garbi irtetera ohituegia zegoen Burke. Urte askotan landutako inpunitate sentimendu honek hanka sartzera eramango zuen azkenean, halabeharrez. 2013ko maiatzean FBIk eta EEBBetako fiskalaren bulegoak haren aurkako ikerketa bat hasiko zuten eskubide zibilen urratzeagatik. 2012ko abenduan –Gilgoko lauren gorpuak aurkitu zirenetik urte bi igaro zirenean eta Shannan Gilberten gorpua aurkitu zenetik, bat- Christopher Loeb izeneko 26 urteko gazte batek zabalik zegoen GMC Yukon auto baten atzeko eserlekutik poltsa beltz bat lapurtu zuen, Suffolkeko Smithtown hirian. Heroina zalea zen Loeb eta honelako lapurretekin ordaintzen zuen bere adikzioa. Poltsa zabaltzean, polizia batenak ziruditen tresnak topatu zituen. Eskuburdinak, pimenta espraia eta pistola bat ere. Baina ez hori bakarrik, sexu jostailuak ere zeuden poltsa barruan eta, antza denez, zerbait ilunagoa iradokitzen zuen beste zerbait, nerabe gazteegiak protagonistatzat zeukan pornografia. Egun gutxi geroago, abenduaren 14an, polizia talde batek Loeb modu bortitzean atxilotu zuen honen amaren etxearen aurrean. Lurraren kontra bota zuten eta bortizki zutiarazi zuten. Loeben ama kalera atera zenean, polizia autoan sartu eta Suffolkeko laugarren polizia-etxera eraman zuten, Hauppauge hirian. Bertan, lurrera kateatu zuten, ez zizkioten atxiloketaren arrazoiak azaldu eta ez zuen abokatu baten laguntza izan. Abokatu bat eskatu zuenean, “hau ez da Law and Order” erantzun zioten. Loebek argi zeukan indarkeria hark poltsa beltzarekin zerikusia izan behar zuela. Galdeketaren erdian James Burke agertu zen eta Loebi garrasika eta mehatxuka hasi zitzaion. Loeb masailetatik hartu eta buruan jo zuen. Lekukoek esango zutenez, bere ama bortxatuko zuela esan zion Loebi eta baita “hot shot” delako batekin hilko zuela, hots, heroina gaindosi batekin, eta inork ez zuela jakingo hilketa bat zenik. Loebek eskuak lurrera burdinekin lotuta zeuzkan, ezin zen inola defendatu, baina, kolpeka ari zitzaion astakirten hura poltsaren jabea zela ohartuta, zoratuko zuen irain bat bota zion. Gertakariari buruz informatu zuten hedabide gehienek iraina “perbertitu” izan zela esan zuten, baina, Loebek berak baieztatuko zuenez, “pedofilo” deitu zion Burkeri. Burke hitz hori entzutean haserrez erotu zen eta kolpeka hasi zitzaion Loebi. Polizia batek gelditzeko arren eskatu behar izan zion Burkeri. Gertakari hauen inguruan FBIk eta New Yorkeko fiskaltzak zabaldutako ikerketaren dokumentuetan, James Burkek Loebek polizia etxean pairatutako gehiegikeriez gozatu zuela esaten da. Hurrengo egunetan, Loeb jipoitzen lagundu ziotenei bere “jauregiko guardiak” deitu zien Burkek eta gertakariak bere “egun zaharrak” gogora ekarri zizkiola esango zien lankideei. Eta horretan, tamalez, ez omen zebilen harropuzkerietan, sona hori baitzeukan Suffolkeko poliziak Burke bertara sartu zenean, laurogeiko hamarkadan. Izan ere, hilketen susmagarriak galdekatzean %97ak aitortzen bukatzen zuen, EEBBko beste edozein departamentutan baino hiruzpalau puntu gehiago. Eta jakina, hori lortzeko edozein gauza egiten zutenaren zurrumurrua jendartean zebilen. Burkek Loebekin izandako gertaeraren garai berean, esan dugunez, Spotaren bulegoak FBIren laguntza eskaintzari uko egin zion eta Burkek bere agintepeko ofizialak FBIrekin elkarlanean aritzetik baztertu zituen. Ez dago argi Loeberen atxiloketa aurretik edo ondoren izan bazen, baina argi dago Burkek eta Spotak zer ezkutatu bazeukatela eta euren jardueraren gainbegiralerik ez zitzaiela komeni. Hurrengo hilabeteetan, Newsday egunkaria gertakariaz hitz egiten hasi zenean eta FBIren ikerketa abian zegoenean, Burkek presio handia egin zien departamentuko lankideei, Loebekin gertatutakoa ostenduta gera zedin. Haietako batek FBIri esango zion Burkek jakin izan balu beraiekin hitz egiten zuela hilda zegokeela. Hala eta guztiz ere, 2015eko abenduan, Burkeren aurkako hamar ofizialen lekukotza zeukala ziurtatu zion fiskal federal batek epaileari. Epailea bat etorri zen Burke jauna gizartearentzat arrisku bat zelako iritziarekin eta, nahiz eta urte bat baino gutxiago geratzen zitzaion erretiratzeko, Burke kargugabetu eta fidantzarik gabe atxilotu zuten –hori bai, kargugabetu ondoren, 434.750 dolar zor zizkion konderriak oraindik Burkeri, erabili gabeko opor eta gaixotasun denborengatik-. Brooklyneko Metropolitan Detention Centerean gorde zuten Burke, urtetan zehar berak kartzelan sartu zituen presoengandik urrun. Burke isolatzeko taktika bat izan zitekeen erabaki hura, haren abokatuari ikerketa federalarekin elkarlanean aritzera behartzeko. Baina errugabe zela adierazi zuen Burkek eta bere abokatuak Justizia Departamentuarekin ez zuela inolako elkarlanik egingo. Ordutik bi hilabetera, 2016ko otsailaren 26an azkenik, FBIren ikerketa luze baten ondoren, Leonard Wexler epaile federalaren aurrera eraman zuten Burke, kartzelako arropa grisak jantzita, orkatilak eta eskuturrak burdinez lotuta. Christopher Loeben eskubide zibilak urratzeagatik eta frogak ezkutatzeko konspiratzeagatik errudun jo zuten Burke. Spota Distrituko Fiskalaren jardueren aurkako frogak ere lortuko zituen FBIk urteren joanean. Konderriko langile, politikari eta polizia ofizialak galdekatu ondoren, Suffolken ikerketak, salaketak edo salaketarik ez egoteko erabakiak maiz irizpide politikoen arabera hartu zirela aurkitu zuen FBIk. Zentzu honetan bost pertsona ezberdinen aitortzak bildu zituzten. Hasteko, Oliva ofizialaren telefonoa 2014an legez kanpo zulatzeagatik ikertu eta itaundu zuten Spota. Zulatze hau Chris McPartland izeneko fiskal laguntzaileak egin zuen, ironikoki ustelkeriaren aurkako fiskala zena Suffolken, eta polizia departamentuan “Lord of Darkness” ezizenarekin ezagutzen zutena. Polizia departamentuaren barnean KGBaren garaiaren antzeko paranoia giro hau ohikoa zen, aipatu dugun egitura ustela mantentzeko bide bezala. Esaterako, Burkek berak ere, bere gaineko ikerketaren dokumentuetan esaten denagatik, GPS bat jarri zuen polizia komisarioaren autoan, hari xantaia egiteko asmoarekin. Oliva detektibeak FBIrekin eta fiskalekin izan zituen elkarrizketa ugari grabatu zituzten Suffolkeko Distrituko Fiskalaren bulegotik. Olivak FBIrekin batera parte hartu zuen ikerketei buruzkoak ziren elkarrizketa haiek, zeinetatik Burkek baztertu zuen. Telefono zulatze hauengatik azalpenak eskatu zizkioten Spotari agintari federalek, eta honen bulegoko fiskal nagusietako bik, Brooklynen, EEBBtako fiskal Loretta E. Lynchen –EEBBtako Fiskal Jenerala izatera iritsiko zenaren- aurrean deklaratu behar izan zuten. Galdeketa zabarra izan omen zen. Konderriko fiskalek ez zuten damurik erakutsi, nahiz eta agerikoa izan entzun zituzten elkarrizketek ez zeukatela zerikusirik euren ikerketekin. Are gehiago, ekintza kriminalekin zerikusia izateko susmorik ez zeukaten elkarrizketetan, entzunaldia ez zutela eten aitortu zuten fiskalek, ohiko prozeduraren aurka joanez. Spotak berak adierazpen ofizial bat egin zuen, bere bulegoak zulatzeei buruzko arau eta murrizketak une oro bete zituela esanez. Aurrerago, 2016an, FBIk Suffolkeko alderdi kontserbadoreko lider Ed Walshen gaineko ikerketa bat hasi zuen, estatuko funtsak desbideratzeagatik. Ikerketa hau ere oztopatzen saiatu zen Spota, baina FBIk azpijoko horren zantzuak aurkitu zituen. 2017ko urrian Spota eta McPartland akusatu zituzten ikerketak oztopatzeagatik, lekukoak manipulatzeagatik eta konspirazioagatik. 2017 azaroan dimisioa aurkeztu zuen Spotak eta 2019ko abenduan errudun jo zuten. … 2015eko azaroan komisario berri bat izendatu zuen Steve Bellone Ahaldunak Suffolkeko polizia departamenturako, Timothy Sini, ordura arte fiskal federal bezala lan egindakoa. 35 urterekin, departamentuak inoiz izandako komisariorik gazteena zen Sini eta, lehen unetik, Suffolkeko administrazioaren gainean zegoen mesfidantza giroari aurre egin behar izan zion. Hasteko, izendatu zutenean, Newsday egunkariak haren eskarmentu eskasa nabarmentzen zuen artikulu batekin eman zion ongi etorria. Burke kargugabetu zuten egunaren biharamunean, 2015eko abenduaren 11an, Gilgo Beacheko lehen gorpua aurkitu zeneko egunaren bosgarren urteurrenaren bezperan, prentsaurreko batean agertu zen Sini, FBIk LISK ikerketarekin bat egingo zuela iragartzeko. -Lege indarren teknikak, hilketen ikerketenak bereziki, etengabe aldatuz doaz –azaldu zuen Sinik-, eta hilketa hauek argitzeko ahal den guztia egiten ari garela ziurtatu nahi dugu. FBIa mahai gainera ekartzea, bere eskarmentu eta baliabide guztiekin, norabide egokian egindako urrats bat da. Elkarrekin batera lan egitea, kasu korapilatsuak konpontzeko modurik hoberena da. Baina badakigu FBI ez zela orduan iritsi LISK kasuaren gaineko ikerketara, ostera, bueltan zen FBI. Dormer komisario ohiak eta Varrone detektibeen nagusi ohiak berretsiko zuten FBIk LISK kasuan lagundu zuela beraiek lanean ari ziren garaian, Dormer erretiratu eta Varrone erretiratzera behartua izan baino lehen. Garaiko FBIren arduradunen adierazpenak ere badaude elkarlana baieztatzen dutena. Burke eta Spota izan ziren FBI Suffolketik urruntzen ahalegindu zirenak, euren egitura ustela babesteko, eta horrela LISK kasutik baztertzea lortu zuten. -FBI LISK ikerketan sartzea, departamentu barruko ikerketa guztien berrikuspen orokor baten zati bat da. Burkeren gaineko ikerketak azaleratu zituen jarduera desegoki eta ustelek, Suffolkeko poliziaren lan guztia zalantzan jarri zuten. Departamentuaren goitik beherako azterketa bat iragarri zuen Sinik eta gardentasuna areagotzeko ahaleginak egingo zituela. Suffolkeko polizia sare sozialetan aktiboagoa izango zen eta kazetariekiko harremana ere hobetu beharko zuen. Barne Arazoetako departamentuan ofizial gehiagok lan egingo zuen, departamentuaren eta konderriaren sona zikindu zezaketen jarduerak ekiditeko. Eta, esan bezala, Sini fiskal federal ohia izanik, Suffolkeko poliziaren eta indar federalen arteko harremana eta elkarlana indartsuagoak izango ziren. Gorpuak aurkitu zirenetik LISKen ikerketa gidatzen zuen hirugarren pertsona zen Timothy Sini. FBIaz gain bi detektibe jarri zituen Sinik kasuan esklusiboki lan egiten eta beste dozena bat aldizka. Lau urte igarota ere, oraindik kasuaren gaineko zantzuak egunero iristen zirela esan zuen, baina gehienak guztiz baliogabeak zirela –euren senarrak hiltzailea zirela uste zuten emakumeen deiak, gehienak-. Ikerketaren egoera zaila zela baina kasua argitu zitekeela sinesten zuen. Hala ere, ez ote zen beranduegi izango? Lau urte, Burke izendatu zutenetik kargugabetu zutenera arte. Lau urte, denbora preziatua. Zenbat froga deuseztatu edo ezkutatu ote ziren ikerketarako funtsezkoak liratekeen lau urte haietan? Nola jakin? Lau urte haietan galdutakoa berreskuratzeko gai izango ziren polizia gorputz ezberdinek? Edo Burke eta Spotaren ustelkeriak LISK kasua konponezina bihurtu zuen? XI – 2013: URREZKO TXERRIA ETA NATASHA JUGO 2013ko urtarrilean bi urte igaroak ziren Gilgo Beacheko lau gorpuak aurkitu zirenetik, urte bat Shannan Gilberten gorpua aurkitu zutenetik, James Burkek FBIa Suffolkeko poliziaren ikerketetatik aldendu zuen eta agentzia federala haren inguruko ikerketa bat hastera zihoan laster. Bada, hil horren 23an, bere txakurrarekin paseoan zebilen andre batek emakumezko baten gorpua aurkitu zuen Long Islanden. Abarasken artean ezkutatuta zegoen gorpua, Nassau konderriko Lattingtown herrian, Oyster Bayko ipar hegitik gertu. 20 eta 30 urte artean omen zeuzkan hildako emakumeak, asiar jatorrikoa zen eta urrezko zintzilikario bat zeraman txerri baten irudiarekin. Bi hilabete geroago, martxoaren 17an Natasha Jugo izeneko emakume baten autoa Ocean Parkway inguruan abandonatua aurkitu zuten eta haren arropa batzuk Gilgo Beacheko arean aurkitu zituzten. Bezperan bere etxetik irteten ikusi zuten Natasha azken aldiz, Queensen. Desagerpen salaketa jarri zuen sendiak, buruko gaixotasunak jasandakoa zela azalduz. Deskribapenaren arabera 31 urte zeuzkan Natashak, 1,68 m neurtzen zituen, 60 kg pisatzen zituen, begi marroiak eta ile horia zeuzkan. Pijama arrosa bat zeraman desagertu zenean, jertse gris bat, beroki beltz bat eta bota beltzak ere. Ekainaren 14an Natasharen gorpua agertu zen: itsasoak Gilgo Beachen jaurti zuen. Hiru urteren ondoren LISK berriz lanera itzuli ote zen? Ikerketak aurrera egiten ez zuela ikusteak eta poliziaren ageriko arduragabekeriak hauspotu ote zuten haren grina kriminala? Edo ez zegoen harremanik heriotza hauekin eta LISKen hilketekin? Natasharena ziurrenik ez zen hilketa bat izan eta suizidio itxura handiagoa zeukan, baina bestea hilketa bat zen, ezbairik gabe, eta antzekotasun handiegia zeukan LISKen beste hilketekin. XII – 2014: JOE BITTROLFF 90ko hamarkadan bi serieko hiltzaile atzeman eta kartzelaratu zituzten Long Islanden, aipatu ditugun Robert Shulman eta Joel Rifkin, baina garai berean hirugarren bat ere aritu zen inguru berean, oso antzeko krimen lazgarriak egiten. Atzeman ez zuten hirugarren bat, 20 urtez atzeman ez zutena. 1993ko azaroaren 2an, 20 urteko Rita Tangredi azken aldiz ikusi zuten autostop egiten Montauk autobide bazterrean, Suffolkeko East Patchogue hirian. Hurrengo egunean, quad bat gidatzen zari zen gizon batek Ritaren gorpua aurkitu zuen, East Patchogueko baso batean, amaitu gabe abandonatutako eraikuntza batzuetatik hurbil. Hilabete bi geroago, 1994 urtarrilaren 5ean, 31 urteko Colleen McNamee, hiru seme-alaben ama, azken aldiz ikusi zuten auto txiki urdin batean sartzen Suffolkeko Islandia hirian. Urtarrilaren 30ean Colleenen gorpua aurkitu zuten Suffolkeko Shirley hiriko baso batean, Ritaren gorpua aurkitu zuten lekutik 14 km-ra. Poliziak jakinaraziko zuen biktima biak iraganean atxilotuak izan zirela prostituzioan aritzeagatik –berriz ere biktima “egokiak” emakumezko sexu langileen artean aukeratzen zuen serieko hiltzaile bat-. Sexu gehiegikeriak jasan zituzten emakumezko biek, modu basatian kolpatuak izan ziren eta hil arte itoarazi zituzten. Hain basatiak izan ziren buruan jasandako kolpeak, garun masa irten zitzaiela ere. Gorpuak biluzik aurkitu zituzten eta, poliziaren esanetan, modu oso berezian jarriak biak. Hilketa bien arteko antzekotasunetan eta elkarrengandik hain hurbil, bai denboran eta bai distantzian, gertatu izanean oinarrituta, emakume biak hiltzaile anker bakar baten biktima zirela erraz susma zitekeen. Hala ere, behin betiko froga gorpu bietan aurkitutako DNA aztarnek ekarri zuten. Gizonezko baten beraren DNA aurkitu zen bietan –ez Rifkin, ezta Shulman ere ez zena. Hilketa bion artean, 1993ko azaroaren 20an, oso antzeko hirugarren kasu bat gertatu zen. Sandra Costilla izeneko neska gaztearen gorpua aurkitu zuten, Suffolkeko North Sea herriko inguru basotsu batean –Rita eta Colleenen gorpuetatik 50 bat km-ra-. Sandraren gorpua beste biak aurkitu ziren modu berezian jarrita aurkitu zen ere, eta hiru kasuetan arropa jakin bat falta zela jakinarazi zuen poliziak –arropa hori zein zen ez zuten kaleratu-. Hortaz, hiru kasuen artean lotura zegoela susmatzen zuen poliziak, baina funtsezko froga falta zen Sandra Costillaren kasuan: ustezko hiltzailearen DNA. Hiru hilketa hauek “kasu hotz” bihurtu ziren, alegia, ez zen haien egilea atxilotu ezta identifikatu ere denbora luzean. Kasu hotzak izan ziren hirurak, harik eta 2013an poliziak Timothy Bittrolff izeneko Long Islandeko bizilagun bat atxilotu zuen arte. Urruntze agindu bat urratzeagatik errudun jo zuten Bittrolff, hilketekin inolako zerikusirik ez zeukan arrazoi batengatik, baina kondena honengatik bere DNAren lagin bat ematera behartua izan zen, New York estatuko 2012ko lege batek halaxe ezarri berri zuelako. Timothy Bittrolffen DNA Suffolkeko poliziaren erregistroetan agertzen ziren laginekin erkatzean, Rita Tancredi eta Colleen McNameeren hiltzailearenarekin antz handia zeukala aurkitu zen. Timothy ez zen bi emakumeen hiltzailea, baina guraso berberak zeuzkan norbait izan behar zela ondorioztatu zuten adituek. Timothy Bittrolffen anaien DNA lortu behar zuen Suffolkeko poliziak. Baina nola, legez ezin baitzen inor behartu bere DNA ematera, delitu batengatik kondenatua izan ez bazen. Anaia batek etxeko leihotik jaurti zuen zigarro-punta batetik eskuratu zuten haren DNAren lagin bat, baina kasu honetan ere antzekotasun handia zegoen baina ez %100eko berdintasuna. Beste hirugarren Bittrolff anaia baten zaborrontzia miatu zuten DNA bila, baina ez zuten aztarna nahikorik aurkitu. Hirugarren anaia hau, Joe Bittrolff, polizia etxera eraman zuten galdeketa bat egiteko aitzakiarekin, eta ur edalontzi bat jarri zioten eztarria hezetzeko. Galdeketaren erdian Joe Bittrolffek edalontzitik edan zuen eta halaxe lortu zuten haren DNAren lagin erabakigarria. “Arrainak txalupa barrura jauzi egin balu bezala” deskribatu zuen une hura poliziaren detektibe batek. Jakina, DNAren analisiek Rita Tancredi eta Colleen McNameeren hiltzailea Joe Bittrolff zela frogatu zuten. 2014ko uztailean atxilotu zuten Joe Bittrolff. 48 urte zeuzkan orduan -28 izan bide zituen hilketen garaian-, Suffolkeko Manorville herrian bizi zen, bi seme-alaben aita zen eta arotz bezala lan egiten zuen -bizimodu arrunt bat izatea, gizarte eta familia arteko harreman normalekin, serieko hiltzaileen ohiko ezaugarri bat omen zen, FBIko adituek jakitera eman zutenez Gilgo Beacheko gorpuak aurkitu zirenean-. Orduan oraindik Suffolkeko Distritoko Fiskala zen Thomas J. Spotak adierazi zuen frogatutako bi hilketen eta Sandra Costillaren hilketaren artean lotura handia zegoela, nahikoa azken hau ere Joe Bittrolffen lana zela susmatzeko. Bestalde, Tangredi eta McNameeren hilketak LISKen hilketekin lotzen zituen zantzurik edo ikerketa haririk ez zegoela baieztatu zuen Spotak. Gorpuetatik jasotako zantzuak, gorpuen jarrera aurkitu zituztenean eta krimenaren eszena osoa, guztiz bereziak ziren Rita eta Colleenen kasuetan, eta Ocean Parkwayko krimenen eszenetatik erabat ezberdinak. Edonola, Rita Tangredi eta Colleen McNameeren hilketengatik soilik epaitu zuten John Bittrolff. 25 urte eta bizitza osora arteko bi kartzela zigor ezarri zizkioten. Sandra Costillaren hilketarengatik ez da, egun, atxiloketa ezta salaketarik egin. Hori al da guztia? Benetan? Hain erraz baztertu daiteke John Bittrolffen parte hartzea LISKen hilketetan? LISK kasua ezagutzen duen edonork antzekotasun gehiegi suma ditzake Bittrolff eta LISKen hilketen artean, biak hiltzaile bakar bat direla susmatzera bultza ditzaketenak. Hasteko, biktima mota bera aukeratu zuten biek, hots, prostituzioan aritzen ziren eta drogekin arazoak zeuzkaten neska gazteak. Are gehiago, hilketa modua ere bat bera izan zen, hiltzeraino itoarazi baitzituzten euren biktimak bai LISKek eta bai Bittrolffek. Denboran elkarrengandik oso aldenduta aritu zirela Bittrolff eta aurpegirik gabeko LISK esan lezake norbaitek, baina gogoan izan beharra dago LISKek 1996 eta 1997an hil zituela bere lehen biktimak –Bittrolffen krimenetatik bi urtera-. Manorvillen bizi zen gainera John Bittrolff, LISKen bi biktimen gorputz enborrak aurkitu ziren herrian. Benetan ez zegoela bi hilketa multzoak lotzen zituen ikerketa haririk? Benetan, Spota jauna? Hau guztia nahikoa ez balitz, lotura gehiago agertu ziren bi krimen multzoen artean, kasualitate hutsak izan zitezkeenak, baina kasuak ezagutzen zituen edonork kasualitate gehiegi bazeudela esango luke eta haietako bat ere ezin zela aztertu gabe baztertu: Interneteko webgune batean –“Mary Murphy Mystery”- kaleratu zen Rita Tangrediren alaba eta Melissa Barthelemy adiskide minak izan zirela, Buffalon hazitakoak baitziren biak. Gainera, Lynn Barthelemyk, Melissaren amak, kontatuko zuen bere alabak Manorville ingurutik egindako dei ugari zeuzkala bere sakelakoan, desagertu aurreko egunetan. Thomas Spota Distrituko Fiskalaren adierazpenek ez omen zuten ikertzaileen iritzi ahobatezkoa islatzen: 2017ko irailean –Spotaren aurkako ikerketa oso aurreratua zegoenean- distrituko fiskalaren laguntzaile batek, Robert Biancavillak, John Bittrolffek Ocean Parkwayko hilketetako batekin harremana izan zezakeela jakinarazi zuen. Hamar biktimetatik zeinari buruz ari zen ez zuen zehaztu Biancavillak, baina haietako baten gorpuzkiak Bittrolffen lana izan zitezkeelako zantzuak bazeudela ziurtatu zuen eta horren gaineko ikerketa bat abian zegoela. Abian zeuden ikerketei buruz adierazpenik ez zutela egiten esan zuen poliziak orduan. Egun, Biancavillaren adierazpenetatik hiru urte igaro direnean, ez da Bittrolffen aurkako akusazio berririk egin. XIII – 2016: SARRA GILBERT Burke eta Spotaren jarduera ustelez eta Bittrolffen hilketen gaineko ikerketaz aritu garen bitartean, alde batera utzi ditugu une batez Mari Gilbert eta bere alaben samina eta sumina. Haiengana itzuli behar dugu, Baden doktoreak egindako autopsiaren ondoren Gilbert familian gertatutakoa jakiteko, haien nekaldiak Shannanen ehorzketarekin ez zirelako bukatu. Lau ziren Mari Gilberten alabak, Shannan, Sherre, Sarra eta Stevie, gazteena hau eta bere aitaren abizena zeraman bakarra. Kontatu dugu nola Mari hiru alaba nagusien aitarengandik banandu zela eta, arazo ekonomiko larriak izan zituenez, Shannan gizarte zerbitzuen babesean utzi zuela eta harrera etxeetan hazi zela hau. Orain arte kontatu ez duguna, desagerpenarekin eta hilketekin zerikusirik ez zeukalako, eta “Lost Girls”-ek, gaiaren inguruan Netflixek ekoitzi duen filmak, ezta aipatzen ez duena, zera da: Marirekin geratu ziren bi alabak, Sherrek eta Sarrak, Mariren mutil lagun berri baten eskutik –Stevieren aita omen- sexu gehiegikeriak jasan zituztela. Trauma handia izan zen hirurentzat, ama zein alabentzat, baina Sarrarengan izan zuen eraginik handiena, ordutik aurrera arazo psikologiko larriak izango baitzituen. Abortu bat izan zuen Sarrak 14 urterekin eta 16rekin bere mutil lagunarekin bizitzera joan zen, Manny izeneko 22 urteko droga saltzaile bat zena. Erraz irudika daiteke harremana nolakoa izango zen. Seme bat izan zuten 2009an, Hayden. Etengabe harremana apurtzen eta elkarrekin bueltatzen ziren. Manny kartzelan sartu zuten ere drogak saltzeagatik. Sarrak azkenean indarkeriaren biktimentzako aterpetxe batean amaitu zuen. Shannanen gorpua aurkitu zutenean, Sarra ez zegoen neurri horretako beste trauma bat jasateko prestatuta. Sarra aztertu zuen psikiatra batek, Alexander Bardey izenekoak, esan zuen bere ahizparen gorpuzkien aurkikuntzak Sarra traumatizatu zuela eta antzinatik ezkutatuta zeuzkan zaurgarritasuna eta haserrea azaleratu zizkiola. Oso agerikoak ziren buruko krisialdi horren sintomak. 2013ko amaieran, American Music Awards ikusten ari zela, Beyonce edo Rihannaren abestiak Shannanek eta berak idatzi zituztela sinesten hasi zen Sarra –gogora dezagun Shannan abeslari edota kantugile izan nahi zuela, horretarako ageriko gaitasunak baitzeuzkan-. Laster, maite zuen jendea deabruak hartuta zeudela sinesten hasi zen. Shannan hilik ez zegoela esaten hasi zen eta edonori begietara begiratuz gero deabruak hartua ote zegoen jakin zezakeela. Jainkoa zela esaten hasi zitzaion jendeari eta bere lana deabru gaiztoak menderatzea zela. Eta deabruek sarritan bere ama eta ahizpen itxura hartzen zutela. 2014ko urtarrilean Marik eta Sherrek Sarra bisitatu zuten. Honek, biak deabruak zirela garrasi egin zuen eta Mariri eraso egin zion. Polizia bertaratu behar izan zen eta Sarra ospitalera eraman zuten. Otsailean eta uztailean berriz itzuli behar izan zen ospitalera antzeko krisialdien ondoren. Eskizofrenia paranoidea diagnostikatu zioten eta auzitegi baten aginduz antipsikotiko bat hartzen hasi zen, Haldol Decanoatoa. Horri esker ospitaletik kanpo egon ahal izan zuen 2015 urte osoan zehar. Baina Shannanen gorpuzkiak bigarren aldiz aztertu zirenean, Baden forentsearen eskutik, Sarrak gainbehera psikiko berri bat izan zuen. Tratamendua hartzeari utzi zion eta beste droga batzuk hartzen hasi zen, marihuana batez ere, baina estasia baita. Deabruak berehala itzuli ziren. 2016ko otsailean Sarrak etxeko txakurra bainuontzian ito zuen. Mariri deitu zion eta bera, Mari, txakurra hil behar izanaren arrazoia zela esan zion. Etxera joan zitzaion Mari, Hayden hartu eta poliziari deitu. Ospitalera eraman zuten berriz Sarra, baina oraingoan hain oldarkor agertu zen ezen poliziaren ospitale batean sartu behar izan zutela. Udaberrian, ospitaletik irten zenean, aurrerantzean Hayden Marirekin biziko zela jakin zuen Sarrak. Haydenen zaintzailea ez zenez, Sarrak ez zuen gizarte laguntzarik jasoko. Diru gabe eta haserre zegoen Sarra. Ez zuen medikazioa hartzen. Gaindosi bat hartu zuen uztailean, hain larria koma bat eragin behar izan ziotela bere buruari kalte egin ez ziezaion. Ospitaletik bueltan, geroz eta isolatuagoa zegoen Sarra. Mari eta Sherre bisitan zihoazkionean ez zien atea zabaltzen. 2016ko uztailaren 23an, gau osoa lo egin gabe igaro ondoren, bere ahizpari deitu zion Sarrak, ahotsak entzuten zituela esateko. 911ra deitzeko esan zion Sherrek, edo Mariri behintzat, laguntza eske. Ospitalera itzuli nahi ez zuenez, Mariri deitzea erabaki zuen Sarrak. Baina hura iritsi baino lehen, 45 cm-ko aizto bat eta su-itzalgailu bat ezkutatu zituen sofaren kuxinen azpian. 10:30ak inguruan iritsi zen Mari eta sofan eseri ziren biak, bata bestearen parean. Deabru gaizto bat ote zen galdetu zion Sarrak bere amari. Marik zer erantzun zion ez dago argi Sarraren adierazpen ezberdinetan. Mari Haydenen argazki bat hartzeko makurtu zenean, lehen labankada sartu zion. Mariri labankadaka jarraitu zuen Sarrak. Marik gelditzeko eskatzen zion, arren. Lurrera erori eta mahai baten azpian babestu zen Mari. Sarrak handik atera zuen, haren gainean eseri eta labankadak ematen jarraitu zuen, biriketan, bihotzean… hil nahian. Mariren telefonoak jo zuen. Sherre zen. Sarrak telefonoa itzali zuen. Estintorea hartu eta Mariri buruan kolpe eman zion harekin, behin baino gehiagotan. Marik oraindik arnasa egiten zuela ustez, su-itzalgailu edukia Mariren ahoan hustu zuen Sarrak. Ondoren idunean labana sartu zion, ziurrenik burua mozteko asmoarekin. Sarraren etxeraino hurbildu zen Sherre eta atean zein leihoetan jo zuen. Erantzunik ez zuenez lortu poliziari deitu zion, bere ahizpak ahotsak entzuten zituela esanez. Odoletan blai, Sarrak prakak erantzi eta ohe gainean etzan zen. Zigarro bat erre zuen eta musika entzuten egon zen polizia iritsi arte. “Atxilotuta nago” izan ziren bere lehen hitzak. Aiztoaren punta apurtuta zegoen eta haren orriak 90 graduko angelu bat zeukan. 227 labana zauri zenbatu zituen forentseak Mariren gorpuan, haietako asko burua babestu nahian eskuetan eta besoetan egindakoak. Argi zegoen Sarrak buruko gaixotasun bat zeukala, eskizofrenia paranoidea hain zuzen ere, adituek diagnostikatua, baina EEBBko legediaren arabera hori ez zen nahikoa errugabetasun epai bat lortzeko. Sarraren aurkako epaiketan, Emmanuel Nnejik fiskalak, Sarrak ongia eta gaizkia ezberdintzen bazekiela defendatu zuen. Argudio bezala, Sarrak urtetan egunero bere semea eskolara eraman zuela esan zuen fiskalak, hura elikatu eta etxeko errenta behar bezala ordaindu zuela ere. Sarra desorekatua ez zegoela defendatu zuen fiskalak, egunero leku berean kafea hartzen zuelako eta ez zuelako inoiz istilurik sortu. Laburbilduz, ez zela hiltzaile geldiezin bat, haren ahizpa Sherre eta Stevieri ez baitzien sekula eraso egin, nahiz eta hauek ere deabruak zirela esan. Fiskalaren ustean, Mari Gilberten hilketa pasio krimen bat izan zen, drogek hauspotua ziurrenik, urtetan zehar amaren aurka bildu zuen erresuminaren leherketa. Marik Sarraren semearen zainketa eskuratu izana, eta horrekin batera gizarte laguntzena, bere amaren azpijoko bat bezala sentitu zuen Sarrak. Horretaz gain, hoben historiko gehiago ere bazeuzkan Marik: Sarra eta Sherreren aurkako sexu gehiegikeriak ez eragoztea, haiek babestu ez izana, Shannan bere ahizpetatik urrunduta bizi zedila baimentzea… Egun hartan gertatutakoa aspaldidanik planeatuta zeukan Sarrak, Nnejik fiskalaren ustez. Aiztoa eta su-itzalgailua aldez aurretik ezkutatu izana horren froga zen. Stevie ahizpa gazteak ere hilketa drogen ondorio izan zela defendatu zuen auzian, ez buru gaixotasun batena, aspaldiko gorrotoaren emaitza baizik. Errudun jo zuen Sarra epaimahaiak eta orain 25 urteko kartzela zigorra betetzen ari da. Hayden aitaren senideekin bizi da. XIV – 2020: GERALDINE HART Hamar urte joan dira Gilgo Beacheko gorpuak aurkitu zirenetik, Shannan Gilbert desagertu zenetik. 24 urte LISKen biktima zaharrena aurkitu zenetik. Eta oraindik ez dago atxiloturik. New York estatuaren historiako argitu gabeko hilketa kasurik handiena bihurtu da LISK kasua. 2020ko urtarrilean Suffolkeko polizia departmentuko komisario berriak kasuaren inguruko zantzu berriak ezagutaraziko zituela iragarri zuen. Geraldine Hart zen komisario berri hau, emakumezko bat azkenean, LISK kasuaren ikerketaren laugarren arduraduna. 2018ko apirilean hartu zuen Geraldine Hartek Suffolkeko polizian kargua eta aurretik FBIren agentea izandakoa zen. Antza denez, Burkeren eta batez ere Spotaren gaineko iskanbila azaleratu zenean, Timothy Sini ez zen pertsona egokiena Suffolkeko polizia departamentuan beharrezkoa zen eraberritze sakona aurrera eramateko, fiskaltzatik baitzetorren. Egokiago zirudien, Spota eta Burke ustelek Suffolkeko poliziatik urrunduta mantendu zuten FBItik zetorren norbait. Arnas berria eragin nahi zion Hartek LISK kasuari. Urtarrilaren 26ko prentsaurrekoan aurkeztu zuen zantzua gizonezko gerriko bat zen, bi hizki larri grabatuta zeuzkana: “HM” edo “WH” izan zitezkeen hizkiak, goitik behera edo behetik gora begiratuz gero. Gorpuetako batetik hurbil aurkitu zela gerrikoa esan zuen komisarioak eta hiltzaileak maneiatu zuela sinesten zuela poliziak. Zein gorpuren parean aurkitu zen ez zuen zehaztu Hartek. Zergatik hainbeste urtetan ezkutatuta izan zuten gerrikoa eta zergatik orain erakusten zuten galdetu ziotenean, hau zela une egokia erantzun zuen Hart komisarioak, beste barik. Kasuaren inguruan informazioa lortu edo eskaini nahiko lukeen edonorentzat web orri bat ere abian jarri zutela jakinarazi zuen Hart komisarioak (www.gilgonews.com). Zoritxarrez weborri hori laster itxi zuten. Kontatu beharra dago, Geraldine Harten prentsaurrekoaren egun berean, John Rayk beste prentsaurreko bat eskaini zuela, Harten adierazpenak “desegoki eta arduragabeak” zirela esateko. Izan ere, Harten prentsaurrekoa Netflixek “Lost Girls” filmaren trailerra kaleratu zuen egun berean egin zen eta, jende askorentzat hau arraroa bazen, Rayren haserrea agian protagonismoa kendu ziotelako izan zitekeen. “Lost Girls” filma, izen bereko liburu batean oinarritua, LISK kasuaren inguruko fikzionalizazio bat da, baina Shannanen desagerpenean zentratua eta Mari Gilberten ikuspegitik kontatua. Filmean Mari Gilbert justizia bila borrokatzen duen ama kuraia bat bezala agertzen da, bere alabarentzat eta Gilgoko lau biktimen aldeko justizia bilatzen duena. Gilgoko laurak Mari Gilbertekin izan zuten harremanaren harira soilik agertzen dira filmean, eta LISKen gainerako biktimak aipatu ere ez dira egiten. Mari Gilberten benetako historiaren alderdi batzuk ere ahazten dira filmean: laugarren alaba, Stevie, ez da aipatzen, ziurrenik ez zuelako baimenik eman –John Ray bere abokatua ez delako, agian?-; Sarra eta Sherre arraza zuriko aktoreek interpretatzen dituzte, eta Mariren hilketaren inguruko xehetasunak ezta ez dira ematen. Netflix kateak ekoitzitako telefilm batek holako narrazio sinple eta azpimarratua behar du, jakina, baina Mari Gilberten hagiografia honen atzean John Rayren eskua sumatzea ez da zaila. Horregatik haren haserrea Geraldine Hart komisarioak LISKen hilketen gaineko ikerketa abian zela gogoratzera irten zenean. Rayk ezingo zuen berriz errepikatu bera zela “neska horien” alde justizia bila jarraitzen zuen bakarra. Mari Gilberten hilketaren ondoren ere, John Ray abokatuak Shannanen kasua argitu nahian –errudun bat eta kalte ordain bat aurkitu nahian- jarraitzen du, nahiz eta Hacketten aurkako auzian arrazoia ez zioten eman. Shannanek 911ra egindako deia kaleratu beharko zela defendatzen jarraitu du. Dei horretan kasua argitzeko funtsezko informazioa egon behar zela sinesten zuen Rayk eta poliziak ez zuela deia argitara atera nahi zerbait garrantzitsu ezkutatzen ari zelako. Azkenean, 2020ko maiatzean, epaile baten aginduz Shannanek 911 zenbakira egindako 23 minutuko deia entzuteko aukera izan du John Rayk. Entzundakoa kaleratzea debekatu zion epaileak, baina Shannanen ahotsean beldurra sumatzen zela esan zuen Rayk… Ikerketaren hasieratik bagenekien zerbait. LISK kasua bizirik zegoela aditzera emateko Geraldine Hart komisarioaren ahalegina ez zen urtarrileko prentsaurrekoan gelditu. 2020ko maiatzaren 29an, COVID gaitzak eragindako itxialdiaren erdian, bideo bitartez eginiko adierazpen batzuetan, urte askotan LISK kasuak izandako aurrerapenik nagusiena argitara eman zuen komisarioak: ordura arte Jane Doe 6 edo Manorvilleko Jane Doe bezala ezagutua zen biktimaren benetako identitatea ezagutarazi zuen. Valerie Mack zen identifikatu gabeko biktima, New Jerseyn bizi zen, ama zen eta 24 urte zeuzkan 2000. urtean desagertu zenean. Prostituzioan lan egiteagatik atxilotu zuten Philadelphian, desagertu baino hilabete batzuk lehenago, eta Melissa Taylor izena ere erabiltzen zuen bere lanean. Ez zeukan Long Islandekin inolako loturarik, baina horretan bat zetorren LISKen biktimetako askorekin, prostituzioan aritzen ziren neska gazte txikiak, New Yorkera beste estatu batzuetatik heldutakoak. Gogoratzen dugunez, haren gorpua 2000. urteko azaroaren 19an aurkitu zuten ehiztari batzuek Manorvilleko basoetan, zatikatua eta plastikozko poltsetan sartuta. Haren burua, eskuak eta hanka bat 2011ko apirilaren 4an aurkitu zituzten Ocean Parkway bazterrean, plastikozko poltsetan ere. -20 urtez Valerie Macken sendia eta lagunak erantzunak itxaroten egon dira eta, nahiz eta hau ez izan haiek nahiko zuten emaitza, nolabaiteko bake eta itxiera sentimenduak ekarriko dizkiela espero dut –adierazi zuen Mack komisarioak prentsaurrekoan. FBIri eskerrak eman zizkion Hartek, LISK kasuan erakusten ari zen elkarlanagatik eta Suffolkeko poliziari lagundu ziolako Valerie Mack identifikatzen, “genealogia genetiko” izeneko teknika zientifikoaren bidez. Jakitera eman zutenagatik, lehen aldia zen hura genealogia genetikoa erabiltzen zuela poliziak, New York estatu osoan, hilketa kasu batean pertsona bat identifikatzeko. 2018an, Hartek karguan bi aste baino besterik ez zeramatzanean, Kaliforniako poliziak urte askotan argitu gabe egondako hilketa eta bortxaketen “kasu hotz” bat argitu berri zuela jakin zuen. DNA aztertzeko teknika berriei esker, 72 urteko Joseph DeAngelo “Golden Stateko Hiltzailea” zela frogatu zuten, eta zortzi hilketen errudun jo zuten. DNA datu base pribatuetako informazioa eskuratuz lortu zuten hiltzailea identifikatzea. Geraldine Hartek LISK kasuan ere teknika berbera erabili beharko zutela erabaki zuen, baina errealitatea beti uste baino konplexuagoa zen. Hasteko, Golden Stateko hiltzailearen kasuan ez bezala, LISK kasuan ez zen biktimetako batean ere haren ustezko hiltzailearen DNA aztarnarik aurkitu. Hori bai, biktimen DNA bazeukaten, identifikatu gabekoena ere, eta biktimen identifikazioak hiltzailearenganaino gida zezakeen. Hurrengo oztopoa New York estatuko legedia izan zen, EEBBtako murriztaileenetarikoa DNAren erabilerari dagokionez. Beste estatu batzuetan polizia enpresa pribatuen eskuetan dauden datu baseetan sar daiteke, baina ez New Yorken. Oztopoa gainditzeko funtsezkoa izan zen FBIren elkarlana, Harten lankide ohiena. FBI behin ofizialki LISK kasuko ikerketan partaide izendatuta, agentzia federalak Suffolkeko poliziak lortu ezin zuen informazioa eskura zezakeen DNA datu base pribatuetatik. Horrela, Valerie Macken izeko batek enpresa pribatu horietako bati eman zion DNA lagin bat aurkitzean, Jane Doe 6 identifikatzea lortu zuten. Hainbeste urteren ostean, bi eguneraketa hauek –gerrikoa eta biktimetako baten identifikazioa-, errudun bat identifikatzera eraman ez bazuten ere, LISK kasua Suffolkeko poliziaren lehentasun nagusia zela frogatzeko balio zuten. -Eskura ditugun ikerketa baliabide guztiak erabiltzen jarraituko dugu kasu hau sakonki ikertzeko –gaineratu zuen Hartek maiatzeko prentsaurreko hartan. Edonola, argi dago Harten ardurapean LISK kasuaren gaineko informazioa zuhurtzia handiz maneiatuko dela. Norbaiten oroimenean argiren bat piztuko zuelakoan kaleratu zuen gerrikoaren informazioa, baina orain arte ez dakigu nolako emaitzak ekarri zituen argitaratze horrek. Valerie Macken identifikazioa ere aurrerapen handia izan zen eta publikoari frogatu zion kasua bizirik zegoela. Baina hortik aparte isiltasuna eta zuhurtzia dira Geraldine Harten jarreraren ezaugarriak. Iraganean kasuaren gaineko informazio gehiegi plazaratu zela uste omen du komisarioak. Gehiegizko informazio horrek hiltzaileari zantzuak ezkutatzen lagundu bide zion, edo zantzu faltsuak erakarri bide zituen, ikerketa bide okerrak zabaldu zituztenak. Une honetan Suffolkeko polizia departamentutik ez dute baieztatzen ikerketaren hasieran hedabide guztietan zabaldutako kasuari buruzko xehetasun asko, hala nola biktimen heriotzen kausa edo arpilera zakuetan bilduta aurkitu zirenik. Une honetan ez dago argi polizia gardenegia izan ote zen ikerketaren hasieran, gorpuak aurkitu ziren garaian, edo hedabideak garai hartan zurrumurruz elikatu ote ziren eta oihartzun bidez desinformazioa hedatu ote zuten. Hartek ez du ezta poliziaren ikerketa lerro ofiziala hiltzaile bakarrarena edo anitzena ote den zehaztu. Hala ere, bere urtarrileko prentsaurrekoan “hiltzaile” hitza aipatu zuen, bakarra. Eta baieztatu ez duen beste datu bat zera da, Shannan Gilberten heriotza LISKen hilketekin lotutako beste bat bezala ikertzen ari direnetz. Antza denez, ikerketa lerro ofizialaren arabera Shannan ezbeharrez hil zen, baina Suffolkeko poliziak ez du kasua oraindik itxi. Zalantzak omen dauzkate oraindik. Argi dago kasu biak betirako lotuta egongo direla, eta baita ere lotura horrek bakoitzaren ikerketari kalte eragin diola hamar urte hauetan. Shannan ez bazen LISKen biktima bat, haren izena eta haren heriotza kasuaren inguruko informazio guztien erdian agertu izanak, beste biktima guztien gainean itzal bat ezarri zuen eta, ziurrenik, ikerketaren esfortzuak eta lehentasunak desbideratzen lagundu zuen. Bestalde, Shannan LISKen biktima bat ez zela frogatu beharrak, agian, ezbehar bategatik hil zela azkarregi ondorioztatzera bultzatu zuen, eta bere ihesaldi eroan erasotzaileren batekin gurutzatu zenaren posibilitatea ere azkarregi baztertzera. … Bitartean hamar hilketa biktima dauzkagu justiziaren zain: Melissa Barthelemy, Megan Waterman, Maureen Brainard-Barnes, Amber Lynn Costello, Jessica Taylor, Valerie Mack, eta izengabeko Peaches, honen alabatxo Baby Doe, John Doe eta Jane Doe 7. Hamar? Bakarrik? Eta “Cherries”, Mamaroneck hondartzako Jane Doe? Eta Tanya Rush? Hauen bien heriotzak, 2007an eta 2008an gertatutakoak, LISKen hilketekin antzekotasun gehiegi gordetzen dituzte haren krimenen zerrendatik kanpo uzteko. Hamabi lirateke biktimak. Eta urrezko txerriaren zintzilikarioa zeraman emakumea, 2013an hilik aurkitu zutena? Hamahiru biktimez ari ote gara? Eta Shannan bera? Hamalau ote dira biktimak? Eta ziur John Bittrolff ez dela LISK? Benetan ez dutela haren aurkako frogarik aurkitu LISKen hilketen ikerketan?
Aurkezpena Oso datu gutxik adierazten dute txinatar pentsalari baten existentzia erreala, Kristo aurreko VI. gizaldikoa. Lao Tse deitua. Tao Te King liburuaren ustezko egilea da –Goiko Bertutearen Liburua, gutxi gorabeherako bere esanahia–. Legenda eta metafora Lao Tse bertutedunaren gainean mintzo dira, zeinaren, funtsean, komunki adostutako data baino are filosofia zaharrago baten pertsonifikazioa baita. Laurogeitabat kapituluk edo atalek osatua, inolako araurik barik bere egituran, ezpurutasun eskasiarik gabea oro har, idazlanak filosofia taoistaren oinarrizko pentsaera adierazten du. Taoismoak hiru indarren existentzia bereizten ditu: bat positiboa, beste bat negatiboa, eta hirugarrena, bateratzailea. Lehenbiziko biak elkarren aurkakoak dira eta elkar osatzen dute: Yang –positiboa, maskulinoa, lehorra, beroa...– eta Yin –negatiboa, femeninoa, hezea, hotza...–. Hirugarren indarra Tao da, edo Printzipio Gorena, Yin-Yang beheko printzipioak biltzen eta bateratzen dituena, baita indar-joko honetatik jalgitzen diren gainerako aurkakotasun guztiak ere: eguna-gaua, mugimendua-ezmugimendua, egia-errakuntza, edertasuna-itsutasuna, bizia-herioa, eta abar. Bi indar kosmiko horien etengabeko oldarrean sortuak dira izaki guztiak –literalki “hamar mila izakiak”–. Kontzepzio hau irudiztatzen duen diagrama ezaguna da. Bi zati berdin-berdinek osatzen duten zirkulua da, bata beltza eta zuria bestea, elkar uztartzen dutenak; Tao irudiztatzen duen kanpoaldeko beste zirkulu batek inguratua. Zati beltzak (Yin) puntu zuria darama eta zati zuriak (Yang) puntu beltza. Era horretara munduan ezein elementu ez dela erabat positiboa ez negatiboa irudiztatzen da. Unibertsoaren sorkuntza denboran garatzen da, alabaina, erabakitzen duten indarrei dagokienean, prozesua ez-denborala da. Beheko printzipioak ez dira euren jokoen menpe azaltzen, ez dira ere denborazkoak kontsideratu behar; bitarteko gisa kokatzen dira hauek: Printzipio Gorenaren eta sortutako unibertsoaren artean, printzipio honen agerpidea dena hain justu ere. Sorkuntzazko prozesu honi ez zaio hastapenik ez amaierarik egokitzen ahal, hitz hauek ez baitute zentzurik denboraren mugetatik harago. Mundu materiala etengabe sortzen duen hiruko ez-denboralean agerikoa da beheko bi printzipioen berdintasun perfektua. Honen kolaborazioa ezinbestekoa da fenomenoen osotasuna agertuko bada. Halako fenomeno horretan Yang-en nagusitasuna ikusten dugu, beste hartan Yin-ena. Haatik, biak ala biak unibertsoaren osotasun espazialean eta denboralean orekatzen dira zehatz-mehatz. Indar hauen berdintasunak beren agerpideen beharrezko berdintasuna darama bere baitan, agerpideok betiere abstraktuan aintzat hartu behar dira. Horregatik, taoistak ez du bizia herioa baino goragotzat jotzen, ez du inolako gorentasunik onesten egitearen eta desegitearen artean, baiezpen eta ezespenaren artean, plazerraren eta oinazearen artean, eta abar. Horregatik berarengatik, taoismoa ez da morala. Eskuarki, gizakiak ez du elkarren aurka eta oinarrian dauden bi indarren kolaborazioa ikusten, euren lehia besterik ez dakusa, ez dakusa ere euren osagarritasuna, ezta berauek kontziliatzen dituen Tao ere. Eta lehia horretan, “ongia-gaizkia” funtsezko bitasun horretan, “ongia” hautatzen du eta “gaizkia” arbuiatzen, morala egin egiten du. Aztertzen ari garen pentsamendu filosofikoak ikuspuntu arras ezberdin batetik egiten dio aurre arazo honi. “Ongia” eta “gaizkia”rekiko bere inpartzialtasun intelektuala erakusten duen aldian, badaki onartzen gizakiak baikorra eta onuragarria den ororengatik duen lehentasun afektiboa. Taoistak beheko printzipioen jokoaren bitartez azaltzen du jatorrizko lehentasun hori, baita fenomeno konkretu hauek nola agertzen diren azaldu ere. Printzipio positiboa ez da negatiboa baino gehiago, ez kualitatiboki ez kuantitatiboki; eta hau ez dago haren menpe eta ez dio bere izatea zor. Alta, bada, fenomeno guztietan nabaria denez, indar aktiboaren jokoa indar pasiboaren kausa da, hau da, printzipio negatiboak printzipio positiboaren ekimenari zor dio bere agerpidea. Laburbilduz, “kontraekintzak” “ekintzari” erantzuten dio eta ez alderantziz. Printzipio positiboak ez du negatiboarekiko lehentasun kronologikorik mantentzen –bata eta bestea aldiune berean manifestatzen dira-eta–, lehentasun kausala baizik. Horrela, Taoren gizakiaren “ongia” izakiaren osotasunean integratutako ulermen askatzaile baten ondorio soila da, beheko printzipio positiboaren lehentasun irudikorraren sinesmen osoa indargabetzen duena. Gizaki honek, gizaki askatuak, ongia egiten du, hain zuzen ere, ez duelako berau idolatratzen, ezta gaizkiari baino kasu gehiagorik egiten ere. Lao Tseren jatorrizko kontzepzioan, gizakiak Yin-Yang bitasunean antzematen du bere burua, Tao dauka xede. Taoren jarraitzaileak diziplina partikular oro errefusatzen du; diziplina orokorrari atxikitzen zaio, norberaren kasako diziplina ororengatik aldendurik. Taoistaren ez-egitearen doktrina alderdi honi atxikirik ulertu behar da, funtsean, ekintza partikularrak gaitzestea eta errealitatearen dinamismoa osotasun bezala laguntzera zuzendua dena. Taoismoa askabide bailitzan barneratzen da buruaren jardun puruan, gizakiaren benazko izatearekin topaketa gisan. Taoren gizakiarentzat ez dago ideia-ekintza dilemarik, ekintza ez da ideiaren eginkizuna , “egin” hitza egokitzen da, besterik ez. Puntu honen ulermenera ezin daiteke iritsi Taoren eskutik ez bada, hots, errealitate-kontzientzia-ekintza kontzeptu arruntetatik zeharo desberdintzen diren doktrinaren eta printzipio esoterikoen barrena bide eginez. Taoismoaren oinarriei buruzko laburpentxo honi gehitzeko asko dago oraindik ere, beraz, aditu handien obretara zuzendu beharrean gaude. Bien bitartean, egoki deritzogu txinatar pentsaera honen inguruan sorrarazi diren beste zio batzuk aipatzea. Taoismoari askotan egotzi zaio hegeliar dialektikaren espiritu aitzindari izatea. Elkarketa hau ez da funts gabea, ezta gutxiesgarria ere jakitea Hegel izan zela testu hauek arreta handiz behatu zuen mendebaldeko lehen filosofoetariko bat. Baliteke Hegel Lao Tseren aforismoetan iradoki izana, bikain burutu zuen kontrarioen arteko lehiaren teoria emankorra osatu ahal izateko. Haatik, beraien irakurketa bizkorrak –antzekotasun hauez bestera– bi filosofiak elkarrengandik aldentzen dituzten desberdintasun handiak erakusten dizkigu. Desberdintasun hauek ez dira soilik gertatzen Mendebalde eta Ekialdeko izaera antagonista errazari esker, errealitatean, taoismo eta dialektika –ez materialista hutsarena, baizik eta alemaniar idealismo klasikoarena ere– bi gauza desberdinez mintzo dira. Taoistak burutu behar dituen “praktikei” buruz Tao Te King liburuan egiten diren etengabeko aipuetan nabarmen ageri zaigu egitate hau. Zen budismoarekin senidetasun estuak gordez, zenbait kontzeptutan (hustasuna, ez-ekintza, baretasunetik mugimendura, arnasketaren kontrola, eta abar...) yoga eskoletatik hurbil dago taoismoa. Taoismoaren paradigmen irakurketan ez ditugu inoiz metodoa, sistema logikoa edota mintzaldi erakusgarririk kausituko, mendebaldeko sistemaren berezko ezaupideak. Filosofia honen gainean gure azalpenok ahalbide bakarrak dira berau ulertzeko, baina berau benetan ezagutzea galarazten diguten oztopoak dira, halaber. Ez Lao Tse, ez filosofo txinatar inor ez dira mendebaldar jakintsuen azterketak bezain argiak. Ez dezagun ahantz ezen taoistek erabilitako mitoak eta sinboloak beraien baitan edukitzen ez duten egia batera zeharka bideratzeko bitartekoak direla. Onar dezagun, bada, Tao Te Kingaren jite ilun eta kontraesalea, hortxe dago-eta obra osoaren giltzarria. I Adierazi daitekeen Tao ez da benetako Tao. Eman dakiokeen izena ez da bere benetako izena. Izenik gabe unibertsoaren etorburua da; eta izenarekin izakari guztien ama da. Ez-izatetik entelegatzen dugu bere esentzia; eta izatetik bere itxura besterik ez dugu ikusten. Biek ala biek, izan ala ez-izan, iturburu bera dute, izen desberdina izan arren. Bere nortasuna misterioa da. Eta misterio horretan topatzen da harrigarri ororen bidea. II Mundu guztiak hartzen du ederra edertzat, eta horregatik ezagutzen du zer den itsusia. Mundu guztiak hartzen du ongia ongitzat, eta horregatik ezagutzen du zer den gaizkia. Izan ere, izanak eta ez-izanak elkar ernarazten dute, errazak eta zailak elkar osatzen. Laburra eta luzea elkarren segidan lerrokatzen dira, goia eta behea hurbiltzen. Soinua eta doinua euren artean harmonizatzen dira. Iragana eta geroa bata besteari jarraitzen zaizkio. Horregatik, jakintsuak ez-obratzearen jokabidea hartzen du eta hitzik gabeko irakaspena praktikatzen. Hark parte hartu gabe agertzen dira izakari guztiak. Ez du ezer ebasten ez errefusatzen. Ez du bere obrengatik saririk espero, ezta obra amaitua beretzat hartzen, eta horregatik, bere obrak dirau bere baitan. III Ez goretsi adimena ez gaitasuna herria lehiatu ez dadin. Ez estimatu eskuratzen nekeza dena herria lapur bihur ez dadin. Ez agertu gutiziagarria bere bihotza ez dadin erauzi. Jakintsuak bihotza hustuz, sabela asetuz, handinahia mendratuz, hezurrak sendotuz, gobernatzen du. Hartara, herria jakintza eta irrika izatetik aldenarazten du, maltzurrenek beren garaipena bilatu ez dezaten. Ez-obratzen diharduenak oro gobernatzen du. IV Tao hutsa da, ase ezina, eta horregatik, bere ekintzan nekagaitz. Bere sakontasunean datza izakari guztien iturburua. Bere lazturak leuntzen ditu, anabasa uxatu, ospea egokitu, eta hautsarekin bat egiten du. Bere sakontasuna dela-eta betiereko dirudi. Ez dakit nork sortu zuen, baina jainkoak baino antzinagokoa da. V Unibertsoak ez du sentimendurik; izakari guztiak lastozko zakurren antzekoak dira berarentzat. Jakintsuak ez du sentimendurik; berarentzat herria lastozko zakur baten antzekoa da. Unibertsoa hauspoa bezalakoa da, hutsa, baina inoiz ez ahitua. Zenbat eta gehiago astindu orduan eta emankorragoa da. Gehien mintzo denak gutxien entelegatzen dio. Hobe berean barnebiltzea. VI Haraneko espiritua ez da hiltzen. Eme misteriotsua da. Emetasun misteriotsuaren bidea unibertsoaren iturburua da. Bere obra jarraitzen du, tai gabe, nekerik gabe. VII Ortzia eternoa da eta lurrak berean dirau. Ortziak eta lurrak beren betiko iraupena zor dute ez dutelako beren-berezkoa egiten beren izatearen arrazoia. Horregatik dira betierekoak. Jakintsuak atzean irauten du eta, hartara, aurreratua. Bere burua alde batera utziz eusten dio bere izateari. Desinteresatua delakoz erdiesten du bere onura. VIII Goreneko ontasuna ura bezalakoa da. Ura orotarako da mesedegarria eta ez zaio ezeri oldartzen. Gizakiak gehien arbuiatzen dituen lekuetan egoten da, eta, hartara, Taoren ondo-ondoan dago. Horregatik, goreneko ontasuna horrelakoa denez gero, bere lekua egokia da. Bere bihotza sakona. Bere espiritua emankorra. Bere hitza egiazkoa. Bere gobernamendua zuzena. Bere lana perfektua. Bere ekintza aproposa. Eta inori oldartzen ez zaionez, ezer ez zaio aurpegiratzen. IX Hobe amore ematea, eskuan ontzi bat beterik isuri gabe atxikitzea baino. Atsedenik gabe erabiltzen eta zorrozten dugun ezpata azkar kamusten da. Urrez eta jadez beteriko aretoa ezin dezake inork babestu. Bere ondasunez harrotzen denak bere tamala erakartzen du. Amaitutako obra agurtzea, eta lortutako ospeari adio egitea, horratx zeruko legea. X Gorputz eta arima batzea bereiz ezin daitezkeen multzoan. Arnasari eustea, jaio berri batena bezain pausatua bihurtuz. Ikusmena araztea garbi-garbia utziz. Herria maitatzea eta estatua gobernatzea ez-egitea praktikatuz. Zeruko ateak irekitzea eta ixtea, emakumeak antzo izanez. Oro ezagutzea eta ulertzea adimena erabili gabe. Sortaraztea eta haztea, bere egin gabe sortaraziz, deus eskatu gabe obratzea, gidatzea azpiratu gabe, horratx bertute handia. XI Hogeitamar erradio gurpil baten erdian bateratzen dira, baina bere hustasunak egiten du gurdia erabilgarri. Buztina moldatzen da ontzia egiteko, baina bere hustasunari esker da erabilgarria. Ateak eta leihoak irekitzen dira etxearen paretetan, eta hustasunak egiten du berau habitagarri. Izatean zertzen dugu gure nahia, baina ez-izateari dagokio erabilgarritasuna. XII Bost koloreek itsutzen dute gizakia... bost soinuek gortzen... bost zaporeek sorgortzen... arineketak eta ehizak nahasten... Ondasunek usteltzen. Horregatik, jakintsuak sabelari egiten dio abegi eta ez begiari, Horregatik, honi egiten dio uko eta hura lehenetsi. XIII Zoriak eta zorigaitzak berdin arduratzen gaituzte. Ondasuna, geure gorputzaren gisakoa, minsorra da. “Zoriak eta zorigaitzak berdin arduratzen gaituzte” delakoak zer esan nahi du? Zoriak goratzen gaitu eta zorigaitzak abailtzen. Zoria geureganatzea ardura dugu, baita zoria galtzea ere. Horixe da “zoriak eta zorigaitzak berdin arduratzen gaituzte”naren esangura. “Ondasuna, geure gorputzaren gisakoa, minsorra da” delakoak zer esan nahi du? Mina izatearen kausa neure gorputza da. Izan ez baneza, zer mina senti nezake? Horregatik, mundua eta bere gorputzaren ondasuna berdin estimatzen dituenak, mundua goberna dezake. Mundua bere gorputza legez maite duenak munduaren ardura har dezake. XIV Ikusezintzat jotzen dugu, begiraturik ere ez baita ikusten. Entzunezintzat jotzen dugu, aditurik ere ez baita entzuten. Ukiezintzat jotzen dugu, ukiturik ere ez baita sentitzen. Hiru aldarte hauek ulertezinak dira eta bakarrean batzen. Goian ez da argitsua, behean ez da iluna. Betierekoa da eta ezin da izendatu, Izakarien ez-izanera itzultzen da. Eiterik gabeko eitea da eta irudirik gabeko irudia. Nahasia eta eustezina da. Aurrez aurre ez duzu bere aurpegia ikusten, ez atzetik bere bizkarra ere. Antzinako Taori leial zaionak egungo izateari eusten dio. Antzinako jatorria ezagutzen duenak Taoren funtsa dauka. XV Antzinako guztizko jakintsuak hain ziren sotilak, burutsuak eta sakonak ezen ezin ahal zuten ezagunak izan. Ezagunak izan ahal ez zutenez gero, euren deskribapena baino ezin da egin: zentzudunak ziren, neguan erreka zeharkatzen dutenak antzo; zuhurrak, ezker-eskuinari soz, auzoen beldur dagoena legez; isilak, ostalaria bezala; aldaberak, urtzen den hormaren antzera; sendoak, zurezko enborrak antzo; zabalak, haranaren erara; nahasiak, ur uherrak bezala. Nor daiteke, gelditasunean, uherretatik argitasunera astiro igaro? Nor daiteke, higikortasunean, jabalduratik ekintzara astiro igaro? Tao horri jarraitzen dionak ez du guztizko izan nahi. Guztizko ez izanik, antzinakotasunean geldi daiteke zaharberritu gabe. XVI Hustasun osoa erdiesten du bakea iraunarazteko. Gauza ororen agerpen zaratatsuetatik behatzen du bere itzulera. Izaki guztiak tarrapataka hazten dira, baina gero, nor bere sustraietara itzultzen da. Nor bere sustraietara itzultzea atsedena kausitzea da. Atseden hartzea bere zorira itzultzea da. Bere zorira itzultzea eternitatea ezagutzea da. Eternitatea ezagutzen ez duenak bere zoritxarrera itsumustuka egiten du bide. Eternitatea ezagutzen duenak denei egite die leku. Denak onartzen dituena guztiahalduna da, guztiahalduna dena zerutiarra, zerutiarra dena Tao bezalakoa da, eta Tao bezalakoa dena iraunkorra. Bere bizia itzali arren, ez da hiltzen. XVII Gobernari handia oharkabean paseatzen da herrian barrena. Hau, herriak maitatua eta goretsia denak ordezkatua da. Ondoren, beldurra eragiten duenak gobernatzen du. Eta azkenik, mespretxatuak. Konfiantza osoa ez badago, mesfidantza erdiesten da. Gobernari handiak ez-egitea praktikatzen du eta horrela, obra amaituaren ostean arrakasta dator. Orduan, herriak uste du bere legearen arabera bizitzea badagoela. XVIII Tao alde batera uzten denean ontasuna eta justizia azaltzen dira. Adimena eta zuhurtasuna tarteko direlarik hipokrita handiak agertzen dira. Sei senideen artean adiskidetasunik ez dagoenean, seme-alabenganako pietatea eta maitasun ama-aitatiarra behar-beharrezkoa da. Erresuman erreboltak daudenean, menpeko onaren zintzotasuna asmatzen da. XIX Jakinduria eta ezaguera errefusa itzazu, eta ehun bider gehiago probestuko da herria. Errefusa ezazu onginahia eta uxatu justizia, eta herria pietatera eta maitasunera itzuliko da. Errefusa itzazu trebezia eta honen etekina, eta ez da lapurrik ez gaizkilerik izanen. Alta bada, hiru arau horiek ez dira aski. Horregatik, egiezu kasu errazari eta benetakoari, zure zeurekoikeria murriztu eta nahikariak mugatu. XX Ez ikasi eta ez duzu buruhausterik izanen. Zer aldea dago baietza eta ezetzaren artean? Zer aldea dago ongiaren eta gaizkiaren artean? Ez da posible gizakiek beldurra diotenari izurik ez izatea. Ez dago jakintza guztia inguratzerik. Mundu guztia sutu egiten da, baita gozatu egin ere, sakrifizio handi bat ikustean bezala, edo udaberrian dorre batera igotzean bezala. Soilik neroni geratzen naiz geldirik, artean, irri egiten ez dakiten jaioberriak antzo. Nora jo ez dakienaren antzera, etxerik ez daukanaren gisara. Mundu guztia oparotasunean bizi da, soilik neronek irudi dut gabeturik. Ene gogoa artegatuta dago, ez ikasi batena bezala. Mundu guztia da argitsua, soilik ni nago ilunpean. Mundu guztia da abegitsua, soilik ni naiz dorpea. Itsas zabalera jitoan doanak antzo. Mundu guztiak badauka zer eginik, soilik ni naiz ezgauza. Ni ez beste naiz gainontzekoekiko ezberdina, elikatzen nauen Ama biziki estimatzen dudalako. XXI Bertute ororen handitasuna Taori dion fideltasunean dago. Tao zerbait nahasia eta ukiezina da. Nahasia eta ukaezina da, eiteak baditu ordea. Nahasia da baina distiratsua, gauza anitz biltzen baitu. Sakona eta iluna da, baina funtsa izan badu. Funts hori benetakoa da. Antzina-antzinatik eusten dio bere izenari. Izate guztien jatorria da. Nola ezagutu izate guztien jatorria? Bere baitatik. XXII Umiliatua goratua izanen da. Okertua zuzendua. Hutsa betea. Zaharra berritua. Aratz eta xumea lortua, alabaina, korapilatsuak eta hedatsuak anabasa ekarriko dute. Hori dela-eta, jakintsua batasunari atxikitzen zaio eta hori da munduaren eredua. Agertzen ez delako da nabarmena. Gordetzen ez delako da distiratsua. Harrotzen ez delako ohorea du merezi. Inposatzen ez delako da manuaren jabe. Inork ez dio eraso egiten, berak inori ez baitio gerra egiten. “Umiliatua goratua izanen da” erran zaharraren eleak hutsalak al dira, akaso? Horregatik beragatik, jakintsuak bere handitasuna gordeko du. XXIII Gutxitxo mintzatzea naturala da. Urakanak ez du goiz osoa irauten, ez euri-jasak ere egun osoa. Zeinek eragiten ditu izakari hauek? Zeruak eta lurrak. Zeruko eta lurreko izakariek ezin badute betiereko iraun, nolatan iraunen gizakienak? Horiek horrela, Taori jarraitzen dionak Taorekin bat egiten du. Bertutearen atzetik doanak bertutearekin bat egiten du. Urriari atxikitzen zaionak urriarekin bat egiten du. Gauza hauetako batekin bat datorrenak haren abegia izanen du. Alta, honi guztiari ez zaio ospe nahikorik ematen. XXIV Oin-puntetan egoten denak ez du luzaz irauten zutik. Urrats luzeak ematen dituena ez da oso urrun joan ahal. Burua nabarmentzen duenak ez du argirik nahiko. Bere burua laudatzen duenak ez du distirarik. Bere burua goratzen duenak ez du osperik merezi. Bere burua loriatzen duenak ez du heldutasuna iristen. Taorentzat, gehiegikeria hauek, denoi nazka ematen diguten janari hondar eta arakaitzak bezalakoak dira. Horregatik, Taoren jabe denak ez du horietan erreparatzen. XXV Zerua eta lurra baino askoz lehenago jadaneko bazen izan, izaki esanezina. Izaki isila eta hutsa da, askea, aldaezina eta bakartia. Alde orotan dago eta agortezina da. Unibertsoaren Ama izan daiteke. Ez dakit bere izena, baina Tao deritzot. Izendatzen ahalegintzen banaiz, “handia” deritzot. Handia da zabaltzen delako. Bere zabalpenak urrun darama. Urruntzeak itzularazten du. Tao, beraz, handia da, zerua nola halaxe da bera. Lurra handia da, baita gizakia ere. Unibertsoan lau izakari dira handi, eta erresumako gizakia horietako bat da. Gizakiak lurrekoaren legeari darraio. Lurrak zerukorenari. Zeruak Taorenari. Eta Taok bereari. XXVI Astuna arinaren kausa da. Baretsuak higitsua menperatzen du. Horrela, jakintsua, bidaian doanean ez da karabanatik aldentzen. Gauza bikainak biziki laketzen bazaizkio ere, bera bere bakeari lotzen zaio eta handiago egiten da. Nolatan joka dezake arinkeriaz inperioan milaka gurdiren jabeak? Arinki jokatzen duenak bere boterearen iturburua galtzen du. Itsusten denak bere burua galtzen du. XXVII Ibiltari onak ez du arrastorik uzten. Hizlari onak ez du iraintzen ez bere burua nahasten. Kontulari onak ez du kalkulu tresnarik behar. Sarrailari onak ez du morroilorik ez barroterik erabiltzen, eta inork ez dezake hark zarratua ireki. Ongi lotzen duenak ez du soka ez korapilorik erabiltzen, eta inork ezin dezake hark lotua deslotu. Horrela, jakintsuak, gizakiei laguntzen diena betiere, ez ditu horiek arbuiatzen. Jakintsuak, gauzak beti kontserbatzen dituena, ez ditu horiek abandonatzen. Argiak itsuturik dagoela esaten da berari buruz. Horregatik, gizaki onak ez du bere burua gizakion maisu jotzen; eta ona den gizakiak ontzat jotzen ditu gizakion gauzak. Gizakion gaitasuna ez maitatzea, maisutasuna ez maitatzea, eta ezjakinarena egitea, argitsua izanik, hori da gauza miragarri guztien sekretua. XXVIII Nork bere gizontasunaren esentzia ezagutzea, emetasunaren printzipioari eutsiz, munduaren errekastoa izatea bezalakoa da. Munduaren errekastoa deino betiereko bertuteak ez du abandonatuko, eta haurtzarora itzuliko da. Nork bere zuritasuna ezagutzea, iluntasunean biziz, munduaren eredua izatea bezalakoa da. Munduaren eredua bezala deino, betiereko bertutea ez da harengan aldatuko, eta absolutura itzuliko da. Bere loria ezagutzen duena, zoritxarrean iraunez, munduaren harana bezalakoa da. Munduaren harana deino, Betiereko bertuteak aseko du. Eta xumetasunera itzuliko da. Xumeak, banatzen denean, lanabes guztiak moldatzen ditu. Jakintsuak, gobernatzen duenean ministrari guztiak gidatzen ditu, eta horrela batasunari eusten dio. XXIX Mundua gobernatu nahi duena eta berau eraldatu, porrotaren bidean abian da. Mundua maneiatu ezin daitekeen ontzi espirituala da. Maneiatzen duenak txartzen du, daukanak galtzen du. Zeren eta, izakariak ere, batzuk aurretik doaz, bestetzuk atzetik. Batzuek eztiki ufatzen dute, indarrez besteek. Batzuk kementsuak dira, bestetzuk ahulak. Batzuek irauten dute eta besteak erortzen. Horregatik, jakintsuak gehiegikeria oro errefusatzen du, joriari itzuri egiten dio eta exhuberantzia oro apalarazten. XXX Taori kasu eginez gobernatzen duenak ez du mundua armez menperatzen, kontrakoa bihurtzeko joera duen usantza baita. Tropak kanpatu zuten hartan sasiak eta arantzak ez beste ernaberritu daitezke, eta armaden ondoren, ez-urteak heldu dira. Hartara, gizaki zintzoa lortutakoarekin konformatzen da indarkeria erabili gabe. Bere burua goratu gabe hartzen du dena, harrotu gabe, tematu gabe, aberastu gabe. Zeren eta, izakariak, heldutasunera heldu direnean, zahartzen hasten baitira. Hau, Taoren aurkako den guztiari gertatzen zaio. XXXI Armak zoritxarreko gerra-tresnak dira. Taoren jendea ez da haietaz inoiz baliatzen. Jende dohatsuak ohoreko lekutzat jotzen du ezkerra, haatik, armak daramatzanean eskuinean egoten da. Armak zoritxarreko gerra-tresnak dira, batere ez egokiak zorioneko jendearentzat. Beharrezko direnean erabiltzen ditu soil-soilik, baita tentuz erabili ere, garaipenean poztu gabe. Garaipenarekin pozten dena jendearen heriotzarekin gozatzen duena da. Eta jendeak hiltzen plazer sentitzen duena ez da munduan nagusitzen ahal. Gertaera handietan ohoreko lekua ezkerra da, eta eskuina, aldiz, gertaera tristeetan. Buruzagi-ordea ezkerrean kokatzen da. eta buruzagia eskuinean, leku berezia hileta eginkizunetan. Hil duenak tristuraz eta dolorez egin behar du negar. Gerrateko garaipenari hileta eginkizunak segitu behar dio. XXXII Taok, bere eternitatean, izenik ez dauka. Bere batasunean txikien den arren, munduak ezin du geldiarazi. Erregeak eta printzeak Taoren baitan baleude izaki guztiak euren menpe leudeke. Zeruak eta lurrak bat egingo lukete, ihintz eztia isur zedin. Herria, inolako gobernurik gabe, antolatuko litzateke berez. Hastapenean, banandu zenean, izakari guztiei jite emanez, izenak izan bazituen. Izenekin tentuz ibili zen, eta horrela, ez da arriskatzen. Tao unibertsoari doakio errekak eta haranak itsasoari eta hibaiei doazkien lez. XXXIII Besteak ezagutzen dituena azkarra da. Bere burua ezagutzen duena argitsua. Besteak menpe hartzen dituena indartsua. Bere burua garaitzen duena ahaltsua. Kontentatzen dena aberatsa da. Etengabe saiatzen dena borondatetsua. Bere tokian irauten duena luzaz bizi da. Hiltzen baina ahitzen ez dena eternoa da. XXXIV Tao handia norabide guztietara isurtzen den ibaia bezalakoa da. Izakari guztiek izana zor diote baina berak ez dio berori inori ukatzen. Bere obra burutzen du, baina ez du bere egiten. Izakari guztiak zaintzen eta elikatzen ditu hauen jabe bihurtu gabe. Ez da handinahia, horregatik dei diezaiokegu txiki. Izakari guztiak harengana itzultzen dira, hark deitu gabe, eta horregatik handia dei diezaiokegu. Modu horretara, jakintsuak ez dauka bere burua handitzat, eta horrela, bere handitasuna betikotzen du. XXXV Irudi Handia gordetzen duena munduaren eredu da. Munduak ez du inolako kalterik nozitzen eta bakean orekan eta oparotasunean dago. Musika eta jakiek geldiarazten dute ibiltaria, Taok jariotzen duenak ez dauka zaporerik. Taori so egiteak ez du begirada gozatzen. Taori aditzeak ez du entzumena laketzen. Taotik edaten da eta ez da agortzen. XXXVI Ezer beretu nahi duenak, lehenago zabaldu behar du. Ezer ahuldu nahi duenak, lehenago indartu behar du. Ezer suntsitu nahi duenak, lehenago eraiki behar du. Ezer eskuratu nahi duenak, lehenago eman behar du. Horrelakoxe da misterioaren sakona. Samurrak eta ahulak gogorra eta sendoa hartzen dituzte menpean. Arrainak ez du ur handietatik irten behar, ezta erresumako harribitxi baliotsuenak agerian ipini ere. XXXVII Taok, berez eta izatez, ez ohi du ekin, haatik, ez dago hark egina ez den ezer. Erregeek eta printzeek haren kideak izatea izango balute, izakari guztiek berez eboluzionatuko lukete. Eboluzionatzean obratzeko desioa azalduko balitz, nik soiltasunean atxikiko nuke, izenik gabe. Izenik gabe, soiltasunean, desiorik ez dago. Desiorik gabe bakea egingarria da eta mundua berez antolatzen da. XXXVIII Goiko bertutea ez da bertutetsua izateagatik harrotzen, horixe da bere bertutea. Beheko bertutea bere bertuteaz harrotzen da, eta horregatik ez da bertutetsua. Goiko bertuteak ez ohi du ekin ezta lortu beharreko xederik edukitzen ere. Beheko bertuteak ekin ohi du eta xedeak lortzeko beharra badauka. Goiko bertuteak ekin ekiten du eta ez dauka xederik. Goiko justiziak ekin ekiten du eta xedeak badauzka. Goiko erritoak ekin ekiten du eta, ez badu erantzunik jasotzen, indarrez dihardu. Hartara, Tao galdurik, bertutea dago. Bertutea galdurik, ontasuna dago. Ontasuna galdua, justizia. Justizia galdua, erritoa. Erritoa fideltasunaren itxura besterik ez da, desordenu ororen sorburua da. Ezaguera Taoren lorea besterik ez da, ergelkeriaren jatorria da. Horrela, jende handiak sakonari so egiten dio eta ez axalekoari. Fruituari heltzen dio eta ez loreari, hau baztertzen du eta hura lehenesten. XXXIX Antigoalean batasuna iritsi zutenak: Zeruak, bere batasunean, argitasuna lortzen du. Lurrak, bere batasunean, bare-bare biratzen du. Espirituak, bere batasunean, ahaltsuak bilakatzen dira. Harana, bere batasunean, berriz ere mardultzen da. Izakari guztiak, beren batasunean, ugaltzen dira. Printzeek eta subiranoek, beren batasunean, mundua gobernatu dezakete. Zerua argia ez balitz, desegingo litzateke. Lurra egonkorra ez balitz, amilduko litzateke. Espirituak ahaltsuak ez balira, hilko lirateke. Harana mardulduko ez balitz, desagertuko litzateke. Izakariak ugalduko ez balira, amaituko lirateke. Printzeak eta erregeak gailenduko ez balira, gobernua galduko lukete. Horiek horrela, nobleziak bilaukerian du bere erroa. Goia beherean oinarritzen da. Horregatik, subiranoek “umezurtza”, “ez-duina”, “txiroa” deitzen diete beren buruei. Ez al da hori, xumea euren erroaren jatorritzat jotzea? Guztizko ohorea, berori gura nahi ez duenarena da. Ez da jadea bezalakoa gura izan behar, uharri arruntena bezalakoa izatea baizik. XL Itzultzea da Taoren mugimendua. Ahuleria da bere agerpena. Izakari guztiak Izanetik sortu dira eta Izana ez-izatetik. XLI Taori buruz mintzatzen entzuten duen goiko espirituak arduraz jarduten du. Taori buruz mintzatzen entzuten duen nola-halako espirituak berau gordetzen du, hala nola galdu. Taori buruz mintzatzen entzuten duen beheko espirituak algaraka egiten du barre. Eta, barre horrengatik, ezagutzen da Taoren handitasuna. Erran zaharrak hala dio: Taorekin argitzea iluntzea bezala da. Taorekin aurreratzea atzeratzea bezala da. Taorekin handitzea arrunta bihurtzea bezala da. Goiko bertutea haraneko zulogunea bezala da. Gorengo xalotasuna ignominiaren antzerakoa da. Bertute handia ez da nahikoa. Bertute finkatua arduragabea da. Bertute aratzena adulterioa bezalakoa da. Tao angelurik gabeko lauki handi baten tankerakoa da, patxadaz lantzen den ontzi handi baten taxukoa, tonu eskaseko doinu handi baten antzekoa, eiterik gabeko gorputz handi baten neurrikoa. Tao isila eta izen gabekoa da. Alta, Tao eskuzabala da eta izakari guztiak osatzen ditu. XLII Taok Bata sorrarazten du, Batak bia, biak hirua. Hiruak izakari guztiak sorrarazten ditu. Izakari guztiek daramate itzala beren bizkarrean eta argia besoetan. Eta ezerezaren hatsak armonia ezartzen du. Gizakiak gaitzesten duena, bakardadea, pobrezia, duintasun eza, subiranoek eskatzen duten titulua da. Murrizten dena handitzen delako eta handitzen dena murrizten baita. Neronek besteek erakusten dutena erakusten dut: “Gizaki bortitza ez da berez hilko”. Horixe ene irakasbidearen erakuslea. XLIII Munduko bigunena gogorrenari gailentzen zaio. Ezereza zirrikiturik ez dagoentxotik sartzen da. Horregatik, ezagutzen dut jardun ezaren balioa. Hitzik gabeko irakaskuntza. Jarduerarik gabeko efikazia. Munduan inor gutxik konprenitzen ditu. XLIV Zer da gure izatean barnerakoiagoa, ospea ala gorputza bera? Zer da estimagarriagoa, osasuna ala aberastasuna? Zerk ematen digu min gehiago, gauza bat irabazteak ala beste bat galtzeak? Bere izena biziki estimatzen duenak bere maitasuna xahutzen du. Anitz biltzen duenak anitz galtzen du. Gutxirekin kontentatzen dena ez da sekula iraindua. Bere buruari eusten dionak ez du perilik jasaten eta luzaro biziko da. XLV Perfekzio handienak inperfektu itxura du, baina bere ekimena agortezina da. Betetasun handienak hustasun itxura du, baina bere ekimena agortezina da. Zuzentasun handiena okerra da itxuraz, trebetasun handiena traketsa, bokantza handiena desegokia. Higidurak hotsa azpiratzen du, ? gelditasunak beroa. Gelditasun osoa munduaren araua da. XLVI Munduan Taok agintzen duenean, gerrarako zaldiek ongarria garraiatzen dute. Munduan Tao ez dagoenean gerrarako zaldiak ugari dira aldirietan. Ez dago hutsegite handiagorik desioei amore ematea baino. Ez dago ezbehar handiagorik aseezina izatea baino. Ez dago grina txarragorik gutiziatsua izatea baino. Kontentatzen dakiena beti dago ase. XLVII Ataritik atera gabe mundua da ezagutzen. Leihotik begiratu gabe zerurako bidea ikusten. Are eta urrunago joan, eta are gutxiago da ikasten. Horrela, jakintsuak ez du urratsik ematen, eta iristen da, ez du begiratzen eta ezagutzen du, ez du jarduten eta konplitzen du. XLVIII Ikasketen bidez osatzen gara egunez egun. Tao dela medio berriz, egunez egun, gutxitzen gara. Gero eta gutxiago eginik ez jardutera iristen gara. Jardun gabe oro egiten dugu. Mundua ekintzarik gabe bereganatua izan da beti. Ekintza ez da aski mundua irabazteko. XLIX Jakintsuak ez du espiritu iraunkorrik. Herriaren espiritua egiten du bere. Maite ditu zintzoak baita zintzoak ez direnak ere, eta horrela ontasuna bere egiten du. Jende zintzoaz fidatzen da, baita zintzoaz ez direnez ere, eta horrela fideltasuna erdiesten du. Jakintsua guztion baitan bizi da. Guztiak biltzen ditu bere espirituan. Herriak harengana itzultzen ditu bere begiak, baita belarriak gerturatu ere, eta jakintsuak umeak antzo tratatzen ditu. L Bizitzea heltzea da eta hiltzea itzultzea. Hamar gizakietatik hiruk bizitzarantz bide egiten du. Hamar gizakietatik hiruk heriotzarantz bide egiten du. Hamar gizakietatik hiruk bizi-minez galtzen du bizia. Nola iraun dezake bizirik hamargarren gizakiak? Entzuna dut esaten ezen bere burua ongi zaintzen duenak ez diola errinozeroari beldurrik, ezta tigreari ere, eta armarik gabe konbatitzen dituela. Errinozeroak adarraz non kausitzerik ez dauka, ez eta tigreak bere hatzaparrak non finkatu, ez eta armak bere ahoa non kamustu. Zergatik? Bere baitan ezer hil ezin baita. LI Taok sorrarazten du. Bertuteak sustatzen du. Materiak konformatzen du. Energiak hobetu egiten du. Horregatik, izakari guztietatik bat bera ez dago Tao beneratzen ez duena ezta bertutea estimatzen ez duena ere. Taori benerazio hori, eta bertutearen onespena, ez dira inposatuak betiereko berezko joerak baizik. Taok berak sorraraziak direnez gero, bertuteak sustatzen, kozkortzen, hobetzen, gordetzen, umotzen eta gerizatzen ditu. Hazi eta sorrarazi, sorrarazi bere egin gabe, musu-truk obratu, menperatzeke gidatu, horixe bertute handia. LII Izana daukan guztiak izan zuen sorburu: munduaren ama. Ama ezagutzen duenak seme-alabak ezagutzen ditu. Seme-alabak ezagutzen dituenak ama babesten du. Zirrikituak kukutu itzazu, ateak itxi, eta akitu gabe biziko zara. Zirrikituak ireki itzazu, betebeharrak gehitu, eta bizi osoa babesik gabe izanen zara. Ttipia ikustea argitasuna izatea da, ahul egotea sendotasuna. Argia erabiltzea argitasunera itzultzeko eta gorputza kalte orotik babestea eternitaterako janztea da. LIII Jakituria eduki nahi nuke bide handian barrena abiatu ahal izateko desbideratzeko beldurrik gabe. Bide handia laua da, haatik, jendeak bidexkak hobesten ditu. Orotariko Gortea naharo da, haatik, larreak belar zikinez beteta daude eta bihitegiak huts-hutsak. Luxuzko arropak janztea, ezpata zorrotzak gerrikatzea, jaki gozoaz eta edariaz asetzea, altxor ederrak atxikitzea, lapurtzea bezala da; ez da Tao. LIV Ongi landatua dena ez da errotik erauziko. Ongi uztartua dena ez da askatua izango. Seme-alabek eta ilobek sakrifizioak eskainiko dizkiete arbasoei kosta ahala kosta. Bere baitan lantzen badu bere bertutea benetakoa izango da. Senitartekoen artean lantzen badu bere bertutea oparoa izango da. Bere herrikideen artean lantzen badu bere bertutea handia izango da. Estatuan lantzen badu bere bertutea ahaltsua izango da. Munduan lantzen badu bere bertutea izango da unibertsala. Horregatik, besteak ezagutzen ditu berez; senitartekoak ezagutzen ditu bere senitartekoen bertuteengatik; herriak ezagutzen ditu bere herriaren bertuteengatik; estatuak ezagutzen ditu bere estatuaren bertuteengatik; mundua ezagutzen du munduaren bertuteengatik. Nola jakin mundua horrela ezagutzen dela? Horrexegatik berarengatik. LV Bertute gorena erdiesten duena jaioberriak antzo da. Narrasti pozoitsuek ez diote ziztatzen. Basapiztiek ez diote erasaten. Hegazti harrapariek ez dute atzitzen. Hezurrak bigunak dauzka eta zainak indargeak, baina tinko heltzen du. Ez du ezagutzen sexuen bat-egitea, baina espermaren betetasun osoa dauka. Egun osoa ematen du garrasika; baina ez da erlasten; armonia hobezina da. Armonia ezagutzea betikotasunak joa izatea da. Betikotasuna ezagutzea argiak joa izatea da. Bizitza biziagotzea kalterakoa da. Adorea kontrolatzea sendotasun ezaugarria da. Izakariak, heldutasuna erdietsi dutenean, zahartzen hasten dira. Taoren aurkakoa den orori gertatzen zaio. Eta Taoren aurkakoa arin amaitzen da. LVI Ezagutzen duena ez da mintzo eta mintzo denak ez du ezagutzen. Zirrikituak kukutzen ditu, ateak hesten, lazdurak arintzen, nahaste-borrastea desegiten, zohardurak jabaltzen, hautsarekin bat egiten du, horra hor batasun misteriotsua. Ez zaio erakarri ahal; ez errefusatu; ez on egin ez kalterik ere; ez zaio ohoratu ahal ezta gutxietsi ere. Horregatik, munduko baliotsuena da. LVII Zuzentasunez gobernatzen da estatua. Zorroztasunez borrokatzen da gerran. Eta aritu gabe mundua konkistatzen. Nolatan dakit? Honexegatik: Zenbat eta debeku eta muga gehiago izan, are eta txiroagoa izanen da herria. Zenbat eta arma gehiago izan, desordena are handiagoa izanen da erresuman. Are eta maltzurkeria gehiago izan, eginkizunak are eta arraroagoak izaten dira. Zenbat eta lege eta dekretu gehiago izan lapur gehiago agertzen da. Horregatik jakintsuak hauxe dio: Nik ez dut deus egiten eta herria berez aurreratzen da. Geldirik egoten naiz eta herria berez ontzen da. Ni ez naiz tratuan ari izaten eta herria berez aberasten da. Nik ez dut ezer desiratzen eta herria xume bihurtzen da berez. LVIII Gobernua alferra denean, herria zintzoa da. Gobernua langilea denean, herria alferra. Zorigaitza zoriontasunean datza eta zoriona ezbeharrean. Nork ezagutzen du erdigunea? Ez dago araurik. Zintzotasunak nabarmenkeria dakar eta ontasunak gehiegikeria. Aspaldikoa da gizakiak bere burua horregatik engainatzen duela. Hartara, jakintsua zorrotza da baina ez erabatekoa, ertz askotarikoa da baina ez du zauritzen, irmoa da baina ez harroa, argia da baina ez du itsusten. LIX Gizakien eta zeruaren aldeko gobernamenduan, moderazioa da hoberena. Moderazioak oro menperatzen du. Besteen menpean jartzen denak zernahi bertute biltzen du. Bertutez osaturik, garaile jalgitzen da denetan. Denetan garaile izaki, helmuga susmagaitzetara iristen da, erresumaz jabetzeraino iritsi ere. Erresumaren Ama erdietsiz gero, luzaz iraun dezake. Sustrai sakon eta eustarri sendoaren bidea da, ikusmen iraunkor eta bizitze luzearena. LX Estatu handi bat arraintxoak frijitzen diren ardura berberaz gobernatzen da. Mundua Taoren eskutik gobernatzen bada, hildakoen arimak ez dira beren ahalmenaz baliatuko. Ez, arimak ez direlako espirituak bihurtuko, hauek gizakiei minik emanen ez dietelako baizik. Espirituek ez diete gizakiei minik emanen, ezta jakintsuak ere. Ez badiote elkarri minik ematen, bertuteak biak batzen ditu. LXI Erresuma handia erreka sakon bat da, den-dena harantz jariatzen da. Munduko emea da. Emeak, bere geldotasunean, arra menperatzen du eta behean geratzen da. Erresuma handia txikiaren aurrean apaltzen da, eta horrela beretzen du. Erresuma txikia handiaren aurrean apaltzen da, eta horrela handitzen da. Lehena bere burua apaltzen gailentzen da eta bestea behean geratzen. Erresuma handiak batu eta sortu egin nahi du. Erresuma txikiak balio nahi izaten du. Bien onerako eta beren nahien erdiesteko, handienak behean egon behar du. LXII Tao izaki guztien baitakoaren sakonena da. Gizaki onaren toki aparta, eta ona ez denaren babestokia. Hitz ederrek ospea irabazten dute, ekintza ederrek gizakia goratzen dute. Horrela, enperadorea koroatzean, eta bere hiru ministrariak izendatzean, eskuetan jadea eraman, edota koadriga presentatu baino, hobe Taorekin konplitzea. Antzinakoek Tao estimatzen zuten, ezen bere ondasunaren bila aritzen denak, errua hastantzen du. Horregatik beragatik da munduko baliotsuena. LXIII Ekin eta ez ekin, egin eta ez egin, gozo eta geza, handi eta txiki, asko eta gutxi, den-dena gobernatzen du bertuteak. Alde errazenetik oldartzen zaio zailtasunari, txikienetatik hasita ekiten dio, berriz, handiari. Gauza zailenak erraza denari ekinez bururatzen dira, gauza handienak, berriz, txikienari helduz. Jakintsuak ez die asmo handiei ekiten, horretan datza bere handitasuna. Aise prometatzen duenak sinesmen gutxi merezi du. Dena erraz iruditzen zaionari den-dena zailtzen zaio. Horregatik, jakintsuak dena jotzen du zailtzat, eta ez du ezer zaila kausitzen. LXIV Geldirik dagoena erraz da atxikitzen, gertatu ez dena erraz da ebazten, hauskorra dena erraz da hausten, xehe dena erraz da hedatzen. Ohartaraz ezazue gertatu baino lehen, eta anabasa izan aurretik antolatu. Besoez ozta-ozta uztar daitekeen arbola, hazitxo batetik ernamuindu zen. Bederatzi solairuko dorrea, lur pila batetik hasi zen. “Li”ren milako egunen bidaia urrats batez hasi zen. Ekiten duenak porrot egiten du. Daukanak galtzen du. Horregatik, jakintsuak ez du ezer egiten eta ez du frakasatzen; ez dauka ezer, eta ezer ez du galtzen. Gizakiak obra hondatu ohi du amaitzerakoan. Hasierari nola amaierari kasu eginez, ez litzateke inolako obrarik galduko. Horregatik, jakintsua saiatzen da ezer ez desiratzen eta baliotsuena gutxiesten. Ez-ikasten ikasten du, besteek jadanik ibili duten bidetik itzultzen da, eta hartara, obratzen ausartu barik, izaki guztien berezko bilakaera faboratzen du. LXV Taori jarraitzen zioten zaharrek ez zuten herria ilustratzen; aitzitik, iraunarazten zuten haren apaltasunean. Herri bat nekeza bada gobernatzeko, errua bizkorrena da. Adimenduz gobernatzen duenak estatua hondoratzen du. Maltzurkeriaz baliatu gabe gobernatzen duenak estatua aberasten du. Bi gauza hauek ezagutzea egiazko araua ezagutzea da. Arau hau ezagutzea bertute misteriotsuaren jabea izatea da. Bertute misteriotsua sakona eta zabala da; gauza guztien ifrentzua, ordea, berari esker den-dena harmonizatzen da. LXVI Ibaiak eta itsasoak Ehun Haranetako errege-erreginak dira, beherean daude-eta. Horregatik izan daitezke haran guztietako errege-erreginak. Horrela, gizakia baino gehiago izan nahi duen jakintsuak bere hitzak beheititzen ditu. Herriaren buruzagi izateko atzean geratzen da. Horrela, jakintsua goian egoten da eta herriak ez du bere zama sentitzen. Lehenbiziko tokian egoten da eta ez du herria gogaitzen. Mundu guztiak gartsuki altxatzen du, hartaz unatu gabe. Inor konbatitzen ez duenez inork ez du hura erasotzen. LXVII Munduan handia naizela diote denek eta ez dut horrela ematen. Handia naizelako ez dut horrela ematen. Halako itxura emango banu, horrela izateari utziko niokeen, eta aspalditik txikia izango nintzateke. Hiru dira gordetzen ditudan altxorrak: lehena maitasuna da, moderazioa bigarrena, apaltasuna hirugarrena. Maitasunari esker adoretsua izan naiteke. Moderazioari esker, eskuzabala. Apaltasunari esker, lehena. Baina maitasunik gabe ezin da adoretsua izan, moderaziorik gabe eskuzabala, apaltasunik gabe lehena. Bestela hilobirako bide egiten da. Maitasunez oldartzen dena gailentzen da. Maitasunez eusten diona sendoa da. Zeruak salbatua dena maitasunak gerizatua da. LXVIII Militar ona ez da gerrazalea. Gerlari ona ez da odol-beroa. Garaile onak gerrari itzuri egiten dio. Gizakien gidari onak euren menpe egiten du bide. Hori da, gizakiak gidatu ahal izateko, ez-konbatitzearen bertutea. Horixe bera, zeruko arauarekin bat egiteko manera bikainena. LXIX Erranera zahar batek honela dio: “Hobe arrotza izatea anfitrioia baino. Hobe oinkada bat atzera egitea urrats ñimiño bat aurreratzea baino”. Horri, abantzatu gabe aurreratzea esaten zaio, besoak erabili gabe atzera botatzea, zauritu gabe ihardestea, armarik gabe garaitzea. Ez dago arrisku handiagorik etsaia gutxiestea baino. Horrela arriskatzen da altxorra. Horregatik, gerrak nahigabetuen armada, garaile jalgitzen da. LXX Ene eleak erraz dira entelegatzen eta erraz erabiltzen. Alta, nehork ez ditu munduan konprenitzen, ez nehork erabiltzen. Ene eleek badute funtsa eta ekintzek beren jabea. Alta, nehork ez ditu ezagutzen ezta nehork ni ezagutzen ere. Banaka batzuk dira jarraitzaileak, horixe duzu garrantzizkoena. Jakintsuak harri bitxiak gordetzen ditu paparrean, jantzi higatuen azpian. LXXI Jakitun izan, horretaz jabetu gabe, horra hor perfekzioa. Jakin ez eta bere burua jakintsutzat jotzea, horra gaizkia. Nork bere gaitza ezagutzea gaizkia uxatzeko modua da. Jakintsuak ez darama gaizkia bere baitan, ez du eramaten ezagutzen duelako. LXXII Herria ez bada arriskuaren beldur, arrisku gaiztoenak zemaitzen du. Ez ezazu sufritu zure etxea meharra delako, ezta zure bizitza pobrea delako. Ez ezazu sufrikarioa onetsi eta ez duzu sufrituko. Jakintsuak bere burua ezagutzen du eta ez du berau agertzen. Bere burua maite du baina ez du berau balioesten. Hau baztertzen du eta hura jarraitzen. LXXIII Adoreak ausarta heriotzara darama. Zuhurrari adoreak bizia babesten dio. Bata kaltetua da eta bestea saritua. Kaltetua izaten denari buruz…! Nork daki zeruaren zioez? Horra jakintsuaren zalantza. Zerurako bidea urratzea gudukatu gabe garaitzea da, hitz egin gabe ihardestea, hots egin gabe erakartzea, eta agitatu gabe jardutea. Zeruko sarea zabala da eta sare zabalak baditu ere, deus ez zaio joaten, halere. LXXIV Herriak herioari beldurrik ez badio, nolatan heriotzaz izutu? Baina herioari beldurra badio –horren beldur baita betiere– eta legea bortxatzen duena harrapatua eta hila izan badaiteke, nor ausartuko da kalte hori egiten? Heriotza borreroaren berezko zeregina da, ez beste inorena, haren ordez hiltzen duenak –zurgina bere lanabesaren erabileran ordezkatzea bezala da– sarri askotan zauritzen du eskua. LXXV Herria gose da monarkek zerga pila eskatzen dutelako. Horrexegatik da gose. Herria erreboltatzen da monarkak larregi diharduelako. Horrexegatik erreboltatzen da. Herria ez da herioren beldur larri bizi baita. Horrexegatik ez dio hiltzeari beldurrik. Larri-larri bizi denak ezin du bizitza estimatu. LXXVI Gizakia jaiotzean beratz eta malgua da, eta hiltzean zurruna eta gogorra geratzen da. Landareak, berriz, samurrak eta zinbelak dira, eta gogor eta ihar geratzen dira. Gogorra eta zurruna heriotzaren ezaugarriak dira. Malgua eta samurra bizitzarenak. Horrexegatik, armen sendotasuna euren hondamenaren zioa da, eta zuhaitz sendoa eraitsia izaten da. Gogorra eta sendoa menpekoak dira samurra eta hauskorra gorenekoak. LXXVII Zeruko bideak arkua tenkatzen duenaren antza du: goia apaltzen du eta apala goititzen, soberakina txikiagotzen du eta gabezia osatu. Zeruko bideak sobera duenari kentzea da eta eskas duenari ematea. Gizakiaren bidea, haatik, oso bestelakoa da: eskas duenari kentzen dio eta sobera duenari ematen. Nork eskaintzen dio munduari sobera duen oro? Tao duenak ez bestek. Jakintsuak egin egiten du eta ez du atxikitzen, ez du bere obraren truk deus eskatzen eta bere jakituria edukitzen du isilean. LXXVIII Ezer ez dago munduan ura bezain bera. Baina ezer ez dago gogorraren aurka ura bera bezain. Bigunak gogorra menperatzen du, ahulak sendoa. Inori ez zaio ezezagun egia hori baina inork ez du praktikatzen. Horregatik jakintsuak honela dio: Erresuma bateko gaitz guztiak bere gain hartzen dituenak haren subiranoa izatea merezi du. Erresuma bateko gaitz guztiak berekin eramaten dituena Inperioaren subiranoa izan daiteke. Egiaren hitzek paradoxikoak dirudite. LXXIX Bakea etsai handien artean egiten den arren, elkarrekiko gorrotoak irauten du. Ona al da hau? Jakintsuak hitzarmen baten parte txarrena nahiago izaten du, eta ez ditu besteak auzitara eramaten. Bertutedunak hitzartuari men egiten dio, bertuterik gabeak bere garaipenari eusten. Zeruko bideak ez du inor faboratzen, baina gizaki onari egiten dio mesede betiere. LXXX Erresuma txiki batek, populazio gutxikoak, ez lituzke bere bitarteko guztiak erabili behar. Bizilagunek herioari beldurra edukiko zioten eta ez ziren txango luzetara abiatuko. Bankuak eta gurdiak eduki arren, ez zituzten erabiliko. Korazak eta armak eduki arren, ez zituzten agertuko. Herriak sokak estekatzeari ekinen lioke berriz ere. Bere janaria goxoa kausituko zuen, egokiak bere arropak, baketsuak bere etxeak, paguak bere ohiturak. Erresuma auzo bietan, hain hurbilekoak ezen beren oilarrek eta zakurrek elkar entzungo zuketela, jendeak oso zahar hilko lirateke elkarri sekula bisitarik egin gabe. LXXXI Egiazko hitzak ez dira atseginak, eta atseginak ez dira egiazkoak. Jende zintzoak ez du eztabaida gustuko, eta eztabaidan tematzen dena ez da jende ona. Jakintsua ez da eruditua eta eruditua ez da jakintsua. Jakintsuak ez du dirua pilatzen eta ondokoei eskainiz aberasten da. Zeruko bideak mesede egiten du eta ez kalte. Jakintsuaren araua obratzea da gudukatu gabe. * * * Taok bidea erran nahi du; alta, xederik gabeko bidea da, bilakabide iraunkorra, oreka perfektua eta bizitzaren kintaesentzia. Ekialdetik heldu zaigun libururik jantziena, edo unean uneko sinfonia.
"Benetako Hamabi Arrantzaleak" klub fin hartako kideetako bat topatzen baduzu Vernon Hotelean sartzen klubaren urteko afarirako, erreparatuko duzu, berokia kentzen duenean, bere jaka berdea dela eta ez beltza. Zergatik galdetzen badiozu (horrelako izaki batekin mintzatzeko ausardia handia badaukazu), zerbitzari batekin nahas ez dezaten egiten duela erantzungo dizu seguruenik. Orduan, zurtuta alde egingo duzu. Baina argitu gabeko misterio bat eta kontatzeko moduko istorio bat utziko dituzu atzean. Nekez gertatuko den aburu horren ildo beretik joanda, aita Brown izeneko abade txiki, amultsu eta behargin bat aurkituko bazenu, eta galdetuko bazenio bere ustez zein den inoiz izan duen zoririk onena, seguruenik erantzungo luke denen gainetik bere arrakastarik handiena Vernon Hotelean izan zela, bertan krimen bat galarazi zuela eta, agian, arima bat salbatu, besterik gabe korridore batean urrats batzuk entzunez. Harrotasun apur bat sentitzen du (orduko) asmatze zoro eta harrigarri hargatik, eta baliteke zerbait aipatzea. Baina guztiz gertagaitza da zu gizarte-mailan "Benetako Hamabi Arrantzaleak" aurkitzeko nahikoa igotzea edo errebaletan eta kriminalen artean aita Brown aurkitzeko bezain beste jaistea, beraz, ez dut uste istorioa inoiz entzungo duzunik, nik ez badizut kontatzen. Vernon Hotela, non Benetako Hamabi Arrantzaleek urteko afariak egiten zituzten, gizarte oligarkiko batean baino existitu ezin daitekeen erakunde horietako bat da, manera onen inguruan ia burua galdu duen gizartean. Nahaste-borraste baten produktua zen, merkataritza enpresa "esklusiboa". Hau da, onura ateratzen zuten ez jendea erakarriz, baizik eta jendea uxatuz. Plutokrazia baten erdi-erdian, merkatariak bezeroak baino erretxinagoak izateko bezain zuhurrak dira. Zailtasunak sortu egiten dituzte, euren bezero aberats eta nekatuek dirua eta diplomazia gasta ditzaten horiek gainditzen. Londresen egongo balitz metro eta laurogeitik azpiko gizonik sartzen uzten ez duen modako hotel bat, gizarteak metro eta laurogeiko gizonen taldeak sortuko lituzke otzan, bertan afaltzeko. Jatetxe garesti bat egongo balitz, jabearen burutasun hutsagatik eguen arratsaldetan baino zabalduko ez lukeena, leporaino beteko litzateke. Vernon Hotela, kasualitatez-edo, Belgraviako plaza bateko izkina batean zegoen. Hotel txikia zen, eta oso deserosoa. Baina bere deserosotasun horiexek klase jakin bat babesten zuten hormak ziren. Eragozpen bat, zehazki, garrantzi handikotzat jotzen zen: hogeita lau pertsonak baino ezin zuten bertan afaldu aldi berean. Mahai handi bakarra aire libreko terrazako mahai ospetsua zen, Londreseko antzinako lorategi batera begirako galeria-antzeko batean zegoena. Hortaz, mahai horretako hogeita lau eserlekuak eguraldi epelean baino ezin ziren erabili; horrek zailago egiten zuen gozamena eta, beraz, desiratuago. Garai hartan, Lever izeneko judu bat zen hotelaren jabea eta ia milioi bat ateratzen zion, sarrera zailtzearen prozeduraren bidez. Jakina, bere enpresaren muga hori funtzionamendurik dotoreenarekin uztartzen zuen. Ardoak eta sukalde-lana Europako onenetakoak ziren eta zerbitzarien jokabideak Ingalaterrako goi-mailako klasearen aldarte aldaezina islatzen zuen zehatz-mehatz. Jabeak bere eskuko atzamarrak bezala ezagutzen zituen zerbitzari guztiak; guztira, hamabost baino ez ziren. Askoz errazagoa zen Parlamentuko kide izatea lortzea hotel hartako zerbitzari izatea lortzea baino. Zerbitzari guztiak isiltasun beldurgarrian eta leuntasunean prestatzen ziren, zaldun baten morroiak balira bezala. Eta, izan ere, gutxienez zerbitzari bat egon ohi zen afaltzen ari zen gizon bakoitzeko. Benetako Hamabi Arrantzaleen klubak ez zukeen beste inon afaltzea onartuko, luxu handiko intimitatea exijitzen baitzuen, eta asko muturtuko ziren beste edozein klub eraikin berean afaltzen ari zenaren ideia soilarekin. Urteroko afariak zirela-eta, Arrantzaleek euren altxor guztiak erakusteko ohitura zeukaten, etxe pribatu batean baleude bezala, batez ere arrainerako aiztoen eta sardexken sorta ospetsua, hura baitzen, nolabait esateko, elkartearen intsignia; pieza bakoitza modu bikainean zegoen zilarretan landuta arrain baten forman, eta perla handi bat zeukan kirtenean. Sorta hori beti ateratzen zen arrain-platererako, eta arrain-plater hori beti zen berebizikoena berebiziko otordu hartan. Elkarteak zeremonia eta ohitura ugari zeukan, baina ez zeukan historiarik edo helbururik; horrexegatik zen hain aristokratikoa. Ez zenuen ezer izan beharrik Hamabi Arrantzaleetako bat izateko; lehendik ez bazinen mota jakin bateko pertsona, haien entzuterik ere ez zenuen edukiko. Baziren hamabi urte elkartea existitzen zela. Audley jauna zen presidentea eta Chester-eko dukea, presidenteordea. Hotel izugarri honetako giroa zelanbait adieraztea lortu badut, baliteke irakurleak harridura natural bat sentitzea eta hari buruzko ezer jakitera zelan heldu nintzen galdetzea, eta baliteke gogoeta egitea nire lagun aita Brown bezain pertsona xalo bat urrezko itsasontzi hartara heltzeko moduaz. Horri dagokionez, nire istorioa erraza da, baita arrunta ere. Munduan bada agitatzaile eta demagogo bat, oso zaharra, babesleku dotoreenetan informazio ikaragarri batekin sartzen dena, gizon guztiak anaiak direla. Demokrata hau bere zaldi zurbilean noranahi zihoala ere, aita Brownen zeregina zen atzetik joatea. Zerbitzarietako batek, italiarra bera, krisi paralitiko bat izan zuen arratsalde hartan eta bere ugazaba juduak, sineskeria haiekin apur bat txundituta, abade katoliko bat ekartzeko baimena eman zuen. Zerbitzariak aita Browni aitortu ziona ez zaigu axola arrazoi bikain batengatik, abadeak isilpean gorde zuelako. Baina, antza denez, ohar edo adierazpen bat idatzi behar izan zuen mezu bat jakinarazteko edo okerren bat zuzentzeko. Aita Brownek, hortaz, Buckinghameko jauregian ere erakutsiko zukeen ausarkeria otzan batekin, gela bat eta idazteko tresnak uztea eskatu zuen. Lever jauna erdibituta sentitu zen. Gizon adeitsua zen, baina adeitasunaren imitazio txar bat ere bazeukan: ez zituen atsegin zailtasunak edo liskarrak. Aldi berean, bere hotelean gau hartan ezezagun arraro bat edukitzea garbitu berri den gauza batean zikingune bat edukitzearen modukoa zen. Vernon Hotelean ez zen inoiz atarterik edo gelaurrerik egon, ez jenderik atarian zain, ez kasualitatez etorritako bezerorik. Hamabost ziren zerbitzariak. Hamabi ziren gonbidatuak. Gau hartan hotelean bezero berri bat aurkitzea ustekabekoa izango zen, norbere etxean anaia berri bat afaltzen edo tea hartzen aurkitzea bezalaxe. Gainera, abadearen itxura bigarren mailakoa zen eta lokatza zeukan arropetan; urrunetik begiztatuz gero krisia sor zezakeen klubean. Azkenean, Lever jaunak desohorea estaltzeko plan bat asmatu zuen, ezin baitzuen ezabatu. Vernon Hotelean sartzen zarenean (ez zara inoiz sartuko, baina), margolan graziagabeko baina garrantzitsu batzuekin dekoratutako korridore labur bat igaroko duzu, eta sarrera nagusira helduko zara; hori eskuinetara zabaltzen da egongeletara daramatzaten korridore batzuetara, eta ezkerretara antzeko beste korridore bat dago, hoteleko sukaldeetara eta bulegoetara joateko. Ezkerretara, berbertan, kristalezko bulego baten izkina dago, zeina sarreraren ondo-ondoan baitago: etxe barruko etxea, nolabait esateko; seguruenik han egon zen aurreko hoteleko taberna. Bulego horretan egon ohi zen jabearen ordezkaria (leku hartan denek zeukaten ordezkaria, posible bazen), eta bulegotik harago, zerbitzarien geletarako bidean, zaldunen arropategia zegoen, zaldunen agindupeko eremuaren azken muga. Baina bulegoaren eta arropategiaren artean gelatxo pribatu bat zegoen, beste irteerarik ez zeukana, jabeak batzuetan kontu delikatu eta garrantzitsuetarako erabiltzen zuena, esaterako duke bati mila libera uzteko edo txelin erdia uzteko eskariari ezetza emateko. Lever jaunaren tolerantzia bikainaren seinale da abade sinple bati leku sakratu hura ordu erdiz profanatzen utzi ziola, hark paper bat zirriborroz bete zezan. Aita Brown idazten ari zen istorioa hauxe baino askoz hobea zen, zalantza barik, baina ez da inoiz ezagutzera emango. Esan dezakedan gauza bakarra da ia hau bezain luzea zela, eta azken bi edo hiru paragrafoak ez zirela batere zirraragarriak eta erakargarriak. Izan ere, paragrafo horietara heldu zenean hasi zen abadea bere gogoetei alderrai ibiltzen uzten eta bere abere-zentzuei, zoli-zoliak izan ohi zirenak, esnatzen uzten. Iluntzen ari zen eta afaltzeko ordua izango zen laster; bere gelatxo ahaztuan ez zegoen argirik, eta agian itzalak, gero eta handiagoa, belarriak zabaldu zizkion. Aita Brownek bere agiriaren azken zatia eta garrantzirik gabekoena idatzi zuenean, konturatu zen kanpotik behin eta berriro zetorren zarata baten erritmoan ari zela idazten, batzuetan trenaren doinuarekin pentsatzen dugun moduan. Horretaz kargutu zenean, zer zen ulertu zuen: atearen ondotik igarotzen ziren oinen soinu errepikatua baino ez zen, eta hotel batean hori ez zen gauza ezohikoa. Hala ere, sabai ilunari begiratu zion eta soinuari kasu egin zion. Segundo batzuetan ametsetan bezala entzun ondoren, zutundu egin zen eta arretaz entzun zuen, burua alde batera apur bat okertuz. Gero berriro eseri zen eta aurpegia eskuetan sartu zuen, ez beste barik entzuteko, baizik eta entzuteko eta pentsatzeko. Kanpoan edozein unetan entzuten ziren pausoak edozein hoteletan entzun daitezkeenak bezalakoak ziren; eta, hala ere, osotasunean hartuta, oso arraroak ziren. Ez zen beste pausorik entzuten. Oso eraikin isila zen, ohiko bezeroak berehala joaten ziren beren geletara eta ondo prestatutako zerbitzariei ia-ia ikusezinak izateko esaten zieten, baten batek zeozer eskatu arte. Beste inon ezin zitekeen zailago izan irregulartasunik txikiena aurkitzea. Baina pauso haiek hain arraroak ziren ezin zela erabaki erregularrak edo irregularrak ziren. Aita Brownek atzamarrarekin jarraitu zituen mahaiaren ertzean, pianoan doinu bat ikasten ahalegintzen denaren antzera. Lehenengo, urrats txiki eta azkarren segida luzea etorri zen, gizon argal batek oin-lasterketa bat irabaztean egingo lukeena. Une jakin batean geratu eta aldatu egin ziren, balantzaka zihoan pauso gogorra eta geldo batera; orotara, denbora-tarte berean lau aldiz astiroago zihoan. Azken orpokadaren oihartzuna iraungi zen unean oin arin eta bizkorren segida edo olatua etorri zen, eta berriro pauso astunagoaren zarata isila. Zalantza barik, oinetako pare berbera zen, ez zegoelako beste oinetakorik inguruan (lehen esan dugun moduan), eta karraskada txiki baina berezi bat zeukatelako. Aita Brownen buruak galderak egiteari ekin zion, ezin zuen saihestu; eta galdera itxuraz hutsal haien aurrean, bere buruak ia leher egin zuen. Ikusiak zituen gizonak korrika, gero salto egiteko. Ikusiak zituen gizonak korrika, gero irrist egiteko. Baina, zergatik egingo luke gizon batek korrika, gero oinez joateko? Edo, beste alde batetik, zergatik joango litzateke oinez, gero korrika egiteko? Baina ez zegoen beste deskribapenik hanka ikusezin pare haren txorakerietarako. Gizonak korridorearen erdia arin-arin egiten zuen oinez, gero geldiro-geldiro joateko beste erdia; edo astiro-astiro egiten zuen mutur batean bestean azkar-azkar egiteko poza hartzeko. Azalpenetako batek ere ez zeukan zentzu handirik. Aita Brownen adimena gero eta ilunago zegoen, gela bezalaxe. Hala ere, temati pentsatzen hasi zenean, gelako iluntasunak berak argitu zituen bere gogoetak. Irudipen bat balitz bezala, oin fantastikoak ikusten hasi zen, korridorean itzulipurdika, jarrera sinbolikoetan edo naturaren kontrakoetan. Dantza erlijioso paganoren bat ote zen? Edo ariketa zientifiko berri-berriren bat? Aita Brownek zehaztasun handiagoarekin galdetu zion bere buruari zer iradokitzen zuten pausoek. Lehenik, pauso geldoa: ez zen, ez, jabearen urratsa. Mota horretako gizonek ahate-ibilera arin batekin joaten dira, edo eserita geldi egoten dira. Ezin zen zerbitzari bat edo aginduen zain zegoen mezulari bat izan. Ez zeukan horren antzik. Oligarkia batean, maila pobreenetakoak bilin-balanka joaten dira txolinduta daudenean, baina oro har, eta batez ere hura bezalako leku eder batean, zutunik edo eserita daude, behartutako jarrerarekin. Ez, pauso astun baina malgu hura, nolabaiteko enfasi arduragabekoa, ez bereziki zaratatsua baina zer zarata egiten zuen axola izan barik, mundu honetako animalia bati baino ez zegokion. Europako mendebaldeko zaldun batena zen, eta seguru aski bizitzeko inoiz lanik egin ez zuen batena. Iritzi sendo horretara heldu zenean, urratsa aldatu eta azkartu egin zen, eta atearen ondotik igaro zen arratoi bat bezain bizi. Entzuleak nabarmendu zuen pauso hau askoz bizkorragoa izan arren askoz isilagoa ere bazela, gizona ia oin-puntetan joango balitz bezala. Hala ere, ez zuen sekretuarekin lotu, ezpada beste gauza batekin, gogora ekarri ezin zuen gauza batekin. Sutan jarri zen bere erdi-oroimenak ergel baten moduan sentiarazten zuelako. Zalantza barik, nonbaiten entzuna zuen ibilera arraro eta arin hura. Bat-batean zutundu egin zen ideia berri batekin, eta aterantz joan zen. Gelatxoak ez zeukan irteera zuzenik korridorera, baina alde batek kristalezko bulegora ematen zuen, eta besteak arropategira. Bulegora zeraman atea zabaltzen ahalegindu zen, baina giltza emanda zeukan. Orduan leihotik begiratu zuen; orain ilunsenti gorribeltzak zatitutako hodei gorrindolaz beteriko beira karratua zen, eta une batez gaiztakeriaren usaina hartu zuen, txakurrak arratoien usaina hartzen duen moduan. Bere alde arrazionala (alderik zuhurrena izan ala ez) nagusitu zen berriro. Gogoratu zuen jabeak esan ziola ateari giltza emango ziola eta geroago joango zela bere bila. Bere buruari esan zion kanpoko zarata xelebre haiek bururatzen ez zitzaizkion hogei azalpen eduki zitzaketela; eta bere buruari gogoratu zion lana bukatzeko behar zuen argi nahikoa zegoela oraindik. Papera leihora eraman zuen arratseko argi ekaiztsua harrapatzeko eta ia bukatuta zegoen agirian murgildu zen buru-belarri. Hogei minutu inguru egon zen idazten, paperaren gainean gero eta makurtuago, argia urritzen ari baitzen; orduan, bat-batean zuzen eseri zen. Pauso arraroak entzun zituen berriro. Oraingoan hirugarren ezaugarri bitxi bat zeukaten. Lehen, gizon ezezaguna oinez ibili izan zen, hankarin eta tximista baino azkarrago, baina ibili. Orain korrika zihoan. Urrats azkarrak, leunak, saltariak entzun zitezkeen korridorean, ihes egiten ari den pantera baten kuxinak balira bezala. Zetorren pertsona oso gizon indartsua eta gogotsua zen, zirrara geldoan baina zorabiagarrian zegoena. Baina, soinua txarranbel xuxurlari baten moduan heldu zenean bulegoraino, bat-batean aldatu eta atzera etorri zen lehengo pauso motel, gogor eta ausarta. Aita Brownek papera utzi zuen eta, jakinik bulegoko atea giltzaz itxita zegoela, beste aldeko arropategira joan zen berehala. Bertako zerbitzaria ez zegoen, seguruenik gonbidatu bakarrak afaltzen zeudelako eta bere zeregina sinekura bat zelako. Berokien baso gris bat itsumustuka zeharkatu ondoren ikusi zuen arropategi ilun hura korridore argitsura zabaltzen zela, mostradore edo ate-erdi batekin, guk guztiok guardasolak emateko eta txartelak jasotzeko erabili izan ditugun mostradore gehienak bezalakoa. Zabalgune hartako arku erdizirkularraren gain-gainean argi bat zegoen. Oso gutxi argitzen zuen aita Brown eta silueta ilun bat zirudien atzean zeukan leiho ilunabartsuan. Baina antzokietako moduko argia botatzen zuen korridorean, arropategiaren ondoan, zegoen gizonaren gainera. Gizon dotorea zen eta oso etiketa-jantzi arrunta zeraman; altua zen, baina ez zirudien leku askorik okupatzen zuenik; sentsazioa ematen zuen geriza baten moduan irrista zitekeela gizon txiki asko ageriko eta oztopo izango liratekeen lekuan. Haren aurpegia, orain lanpararen argiaren azpian, beltzarana eta bizia zen, atzerritar baten aurpegia. Gorpuzkera ona zeukan; jokabidea, alaia eta segurua. Kritiko batek zerbait esatekotan, jaka beltza bere itxura eta jokabidearen azpitxotik zegoela esango luke, eta dunbuilo eta konkor bitxiak egiten zizkiola. Aita Brownen silueta beltza ilunabarrean ikusi zuenean, zenbakidun papertxo bat atera zuen eta aginte adiskidetsuarekin esan zuen: “Ekarri nire kapela eta berokia, mesedez. Joan egin behar dut oraintxe bertan.” Aita Brownek ahorik zabaldu barik hartu zuen papertxoa eta, esaneko, berokiaren bila joan zen. Ez zen morroi-lanetan aritzen zen lehenengo aldia. Berokia ekarri zuen eta mostradorean utzi zuen. Bitartean, gizon ezezagunak, txalekoaren poltsikoan bilatzen aritu zenak, barreka esan zuen: “Ez daukat zilarrik; tori hau.” Soberano erdi bat bota zuen, eta berokia hartu zuen. Aita Brownen gorputza ilun eta geldi geratu zen, baina une hartan burua galdu zuen. Bere buruak beti balio zuen gehiago galduta zeukanean. Horrelakoetan bi eta bi batzen zituen eta lau milioi ateratzen zitzaizkion. Sarritan eliza katolikoak (zentzunarekin ezkonduta dagoenak) ez zuen hori ondo ikusten. Sarritan berak ere ez zuen ondo ikusten. Baina benetako inspirazioa zen —oso garrantzitsua dena ez ohiko krisietan— burua galdu duen oro buruak salbatuko duelako. “Jauna, uste dut —esan zuen gizabidetsu—, badaukazula zilarra poltsikoan.” Gizon altuak begiratu egin zion. “Demontre —esan zuen—, urrea ematea nahiago badut, zergatik kexatu behar duzu?” “Zilarra urrea baino baliotsuagoa delako batzuetan —esan zuen abadeak gozotasunez—. Alegia, kantitate handietan.” Ezezagunak jakin-minez begiratu zion. Eta jakin-min handiagoarekin begiratu zuen korridorera, sarrera nagusirantz. Gero berriro begiratu zion aita Browni, eta arreta handiz begiratu zion aita Brownen buruaren atzean zegoen leihoari, ekaitzaren oskorriarekin oraindik koloratuta zegoena. Orduan, erabaki bat hartu zuela zirudien. Esku bat mostradorean jarri zuen, akrobata bat bezain erraz igaro zen gainetik eta abadearen ondoan gailendu zen, esku handi bat lepagoran jarrita. “Zaude geldi —esan zuen, xuxurla zakar batean—. Ez dizut mehatxurik egin nahi, baina…” “Nik bai egin nahi dizut mehatxua —esan zuen aita Brownek, danbor durunditsu baten moduko ahotsarekin—, mehatxu egin nahi dizut hiltzen ez den harrarekin, eta itzaltzen ez den suarekin.” “Arropategiko arduradun bitxia zara”, esan zuen gizonak. “Abadea naiz, Flambeau jauna —esan zuen Brownek— eta zure aitorpena entzuteko prest nago.” Gizona arnasarik gabe geratu zen une batean eta gero aulki batean eseri zen balantzaka. Benetako Hamabi Arrantzaleen afariko lehen plater biak arrakasta lasaian igaro ziren. Ez daukat menuaren ale bat; eta edukiko banu ez lioke ezer adieraziko inori. Sukaldariek erabiltzen duten super-frantses batean zegoen idatzita, zeharo ulertezina dena frantsesentzat. Klubeko tradizioetako bat zen hors d’oeuvres askotarikoak eta ugariak izan behar zirela, zoratzeko punturaino. Serioski hartzen ziren, argi eta garbi alferreko gehigarriak zirelako, afari osoa eta kluba bera alferrekoak ziren moduan. Beste tradizio bat zen zopak arina eta asmo handirik gabekoa izan behar lukeela, gero etorriko zen arrain-festarako bijilia sinple eta soil bat. Elkarrizketa solasaldi arraro eta leun horretakoa zen, britainiar inperioa gobernatzen duena, isilpean gobernatzen duena, eta hala ere ingeles arrunt batentzat nekez izango litzateke argigarria, ustekabean entzungo balu. Alde bietako ministroak bataio-izenarekin aipatzen ziren, onberatasun aspertu batekin. Ogasuneko ministro erradikala, ustez alderdi kontserbadore osoak madarikatzen zuena bere ordainarazpenak zirela-eta, idazten zituen olerkitxoengatik edo ehizaldietan erabiltzen zuen zelagatik goraipatzen zuten. Alderdi kontserbadoreko buruzagia, ustez liberal guztiek tiranoa izateagatik gorrotatzen zutena, aztertu egiten zen eta, oro har, laudatu, liberala zelako. Bazirudien politikoak oso garrantzitsuak zirela. Eta, hala ere, haien inguruko edozer zen garrantzitsua haien politikak izan ezik. Audley jauna, presidentea, gizon zahar eta adeitsua zen, eta oraindik erabiltzen zituen Gladstone estiloko idunekoak; gizarte itxurazko eta zurrun haren ikurra zirudien. Inoiz ez zuen ezer egin, ez eta gauza txarrik ere. Ez zen xahutzailea; ez eta bereziki aberatsa ere. Saltsaren erdian zegoen; eta kito. Alderdiek ezin zuten bazter utzi, eta Kabinetean egon nahi izan balu, hantxe ipiniko zuten, ez izan zalantzarik. Chester-eko dukea, presidenteordea, politikari gazte eta etorkizun handikoa zen. Esan nahi baita, gizon gazte atsegina zela, ile leun eta horia eta aurpegi pekatsua, hala moduzko adimena eta sekulako jabetzak zeuzkala. Jendaurrean, bere agerpenak beti ziren arrakastatsuak eta bere araua oso erraza zen. Ateraldi bat okurritzen zitzaionean esan egiten zuen, eta bikaina zela esaten zuten. Ateraldirik ez zitzaionean okurritzen esaten zuen ez zela txantxetarako garaia, eta trebea zela esaten zuten. Pribatuan, bere klasekoen klub batean, atsegina, egiazalea eta inozoa zen, eskola-ume baten moduan. Audley jauna, politikan inoiz ibili ez zenak, apur bat serioago mintzatzen zen politikari buruz. Batzuetan taldekoak lotsarazten zituen, liberalen eta kontserbadoreen artean alderen bat zegoela iradokiz esaldi batzuekin. Bera kontserbadorea zen, bai eta bizitza pribatuan ere. Kokotearen gainean ile-mataza grisa zeukan, antigoaleko estatu-politikari batzuen gisara, eta atzetik begiratuta inperioak nahi duen gizona zirudien. Aurrez aurre begiratuta mutilzahar apatza zirudien, barkabera bere buruarekin, Albany hotelean ostatu hartzen zuena; eta halaxe zen. Lehen esan dugun moduan, hogeita lau eserleku zeuden terrazako mahaian, eta klubean hamabi bazkide baino ez. Horrela, bada, terraza guztiz eroso eta zabal okupa zezaketen, mahaiaren barruko aldean lerrokatuta, inor ez aurrean, lorategiko ikuspegi etenbakoa begiztatuz, zeinaren koloreak oraindik zeuden bizi-bizi, nahiz eta iluntzen ari zuen, apur bat distiratsu urtearen sasoirako. Presidentea lerroaren erdian esertzen zen, eta presidenteordea eskuineko muturrean. Hamabi gonbidatuak tropelka joaten zirenean eserlekuetara ohitura zen (batek daki zergatik) hamabost zerbitzariak hormaren ondoan errenkadan egotea erregeari armak aurkezten dauden soldaduak balira bezala, eta jabe gizenak klubekoen aurrean burua makurtzen zuen ustekabe alai batekin, haiei buruz inoiz ezer entzun ez balu bezala. Baina aiztoen eta sardexken lehen txilin-hotsa entzun baino lehen zerbitzarien armada hura desagertua zen, platerak azkar batean eta berebiziko isiltasunean jasotzeko eta banatzeko behar ziren bat edo bi izan ezik. Lever jauna, jabea, askoz lehenago ezkutatu zen kortesiazko konbultsioen artean. Gehiegizkoa izango litzateke, bai eta errespetubakoa ere, uneren batean berriro benetan agertzen zela esatea. Baina plater garrantzitsua, arraina, ekartzen zutenean, bazegoen —zelan esango nuke?— itzal bizi bat, haren nortasunaren proiekzio bat, inguruan zegoela adierazten zuena. Arrainaren plater sakratua (jende xehearen begietara) ikara emateko moduko budina zen, eztei-pastel baten neurri eta tankerakoa, non arrain interesgarrien kopuru handi batek Jaungoikoak eman zien itxura galdu baitzuen. Benetako Hamabi Arrantzaleek arrain-aizto eta arrain-sardexka ospetsuak hartu zituzten eta modu serioan gerturatu ziren, budinaren zentimetro bakoitza hura jateko erabiltzen zituzten zilarrezko sardexkak bezain garestia balitz bezala. Eta halaxe zen, nik dakidanez. Plater hura isiltasun sutsu eta irenslearekin bideratu zuten; eta bere platera ia-ia hutsik zegoenean egin zuen duke gazteak ohiko oharra: “Beste inon ezin da hau egin, hemen baino.” “Inon ez”, esan zuen Audley jaunak, ahots baxu eta sakonean, hizlariarengana jiratuz eta bere buru benerablea zenbait aldiz makurtuz. “Inon ez, zalantza barik, hemen baino. Esan zidaten Anglais kafetegian…” Orduantxe platera kendu zioten eta horrek une batez geldiarazi zuen, bai eta artegatu ere, baina bere pentsamenduen hari baliotsua berreskuratu zuen. “Esan zidaten gauza bera egin zezaketela Anglais kafetegian. Antzik ere ez, jauna”, esan zuen, burua errukirik gabe mugituz, epaile zorrotz baten moduan. “Antzik ere ez.” “Balio handiegia ematen diote leku horri”, esan zuen Pound koronel zelako batek, (bere itxuragatik) zenbait hilabetetan lehenengoz hitz egiten zuenak. “A, ez dakit, bada —esan zuen Chester-eko dukeak, optimista zenak—, egundokoa da gauza batzuetarako. Ezin dute gainditu zerean...”. Zerbitzari bat gelan sartu zen azkar, eta bat-batean gelditu zen. Gelditze hura bere urratsak bezain isila izan zen; baina gizon alfer eta adeitsu haiek hain zeuden ohituta beren bizitzak inguratzen eta eusten zituen makineria ikusezinaren leuntasun perfektura, non zerbitzari batek ustekabeko gauzaren bat egiteak ikara eta zirrara sortu baitzituen. Mundu bizigabeak desobedituko balu, aulki bat korrika hasiko balitz, zu eta ni sentituko ginatekeen bezala sentitu ziren. Zerbitzaria begira geratu zen segundo batzuetan, eta mahaikoen aurpegi guztietan lotsa arraro bat sakondu zen, gure garaiko emaitza bereizgarria dena. Humanismo modernoaren eta aberatsen eta pobreen arteko amildegi moderno eta ikaragarriaren uztarketa da. Benetako aristokrata historiko batek gauzak botako lizkioke zerbitzariari, botila hutsekin hasita eta seguru aski diruarekin amaituz. Benetako demokrata batek galdetu egingo lioke, adiskidantzaz betetako argitasunarekin, zer demontre ari zen egiten. Baina plutokrata moderno haiek ezin zuten jasan gizon pobre bat hurbil edukitzea, esklaboa nahiz laguna izan. Zerbitzarien artean zeozer gertatu izana lotsaizun aspergarri eta zakarra besterik ez zen. Ez zuten gupidagabeak izan nahi, eta onberak izateko beharraz beldur ziren. Nahaste hura, edozein zela ere, bukatzea nahi zuten. Bukatu egin zen. Zerbitzaria, segundo batzuetan kataleptiko bat bezain tente egon ondoren, jiratu egin zen eta korrika irten zen gelatik. Gelan, edo hobe esan atean, agertu zenean berriro, beste zerbitzari baten konpainian izan zen, zeinarekin marmarrean eta keinuka aritu baitzen hegoaldeko bizitasunarekin. Gero lehen zerbitzaria joan egin zen, bigarrena bertan utzita, eta hirugarren zerbitzari batekin etorri zen. Laugarren zerbitzari batek sinodo bizkor harekin bat egin zuenean, Audley jaunak pentsatu zuen isiltasuna apurtu beharra zegoela sotiltasunaren interesean. Oso eztul ozena erabili zuen, presidentearen mailuaren ordez, eta esan zuen: “Lan bikaina ari da Moocher gaztea Birmanian egiten. Munduko ezein naziok ezingo luke…” Bosgarren zerbitzari bat etorria zen suziria bezala harengana, eta belarrira xuxurlatu zion. “Barkatu. Garrantzitsua! Jabeak zurekin hitz egin al dezake?” Presidentea nahastuta jiratu zen, eta begirada turditu batekin Lever jauna ikusi zuen berengana etortzen berea zuen azkartasun astunez. Jabe onaren ibilkera ohikoa zen, baina haren aurpegia ez zen batere ohikoa. Gehienetan kobre-koloreko marroi aparta zen; orain hori zurbila zen. “Barkatuko didazu, Audley jauna —esan zuen, itolarri asmatikoarekin—. Beldur handia daukat. Zuen arrain-platerak, sardexkak eta aiztoak bertan zirela kendu dituzte!” “Bai, hala espero dut", esan zuen presidenteak, amultsutasun apur batekin. “Ikusi duzue bera? —esan zuen arnasestuka hoteleko jabeak—; “platerak kendu dituen zerbitzaria ikusi duzue? Ezagutzen al duzue?” “Zerbitzaria ezagutu? —erantzun zuen Audley jaunak suminduta—. Ez horixe!” Lever jaunak eskuak zabaldu zituen agoniazko keinu batekin. “Nik ez dut bidali —esan zuen—. Ez dakit noiz edo zergatik etorri den. Nire zerbitzaria bidali dut platerak kentzera, eta ez zeudela ikusi du.” Audley jauna txundituegi zegoen inperioak nahi duen gizona izateko; taldeko inork ezin zezakeen ezer esan egurrezko gizonak, Pound koronelak, izan ezik. Naturaren aurkako bizitza batean galbanizatuta zegoela zirudien eta zurrun altxatu zen aulkitik, gainerakoak eserita zeuden bitartean, monokuloa tinkatu zuen begian, eta ahots latzarekin mintzatu zen, berba zelan egiten den erdi-ahaztuta balu bezala. “Esan nahi duzu —esan zuen—, norbaitek gure zilarrezko mahai-tresnak ostu dituela?” Jabeak esku irekien keinua errepikatu zuen ezintasun handiagoarekin eta ziztu batean mahaiko gizon guztiak zutitu ziren. “Hemen al daude zure zerbitzari guztiak?” galdetu zuen koronelak, bere ahots baxu eta zakarrarekin. “Bai; denak daude hemen. Horretaz jabetu naiz —esan zuen duke gazteak, bere aurpegi gaztea barru-barruko taldean sartuz—. Beti zenbatzen ditut etortzen naizenean; hain itxura xelebrea daukate hormaren kontra zutik.” “Hala ere, ez da erraza ondo gogoratzea”, hasi zen Audley jauna, zalantza handiarekin. “Zehatz-mehatz gogoratzen dut, benetan”, esan zuen dukeak asaldatuta. “Inoiz ez dira hamabost zerbitzari baino gehiago egon leku honetan, eta ez dira hamabost baino gehiago egon gaur, zin dagit; ez gehiago ez gutxiago.” Jabea harengana jiratu zen, ustekabeko paralisi moduko batekin dardarka. “Diozu, zuk diozu —esan zuen totelka—, nire hamabost zerbitzariak ikusi dituzula?” “Beti bezala —baietz esan zuen dukeak—. Garrantzitsua al da hori?” “Ez —esan zuen Lever-ek, azentua sakonduz—, baina ezinezkoa da. Zerbitzarietako bat hilda dago goian.” Une batez isiltasun beldurgarria egin zen gela hartan. Agian (heriotza hitza hain da naturaz gaindikoa) gizon alfer haietako bakoitzak bere arimari begiratu zion, eta ihartutako ilar txiki bat bezala ikusi zuen. Batek —dukeak, uste dut— hauxe esan zuen aberastasunaren adeitasun ergelarekin: “Zeozer egin dezakegu?” “Abade bat izan da berarekin”, esan zuen juduak, hunkituta. Orduan, azken judizioko tronpetak jo izan balu bezala, egoeraz jabetu ziren. Une bitxi batzuetan benetan sentitu zuten hamabosgarren zerbitzaria goian hilik zegoen gizonaren mamua izan zitekeela. Tontotuta geratu ziren estualdi hartan, mamuak eragozpen bat zirelako haientzat, eskaleak diren bezala. Baina zilarraren oroitzapenak mirarien sorginkeria apurtu zuen, brastakoan eta erreakzio basati batekin. Koronelak aulkia jaurti zuen eta aterantz joan zen salto batean. “Lagunok, hemen hamabosgarren gizon bat izan bada —esan zuen—, hamabosgarren hori lapurra da. Joan berehala aurreko eta atzeko ateetara eta itxi dena; gero egingo dugu berba. Merezi du klubeko hogeita lau perlak berreskuratzea.” Hasieran bazirudien Audley jauna zalantzan zela zaldun batentzat egokia ote zen hainbeste presa izatea ezerengatik; baina, dukea ikusi zuenean tximista bezala eskaileratik behera gaztaroko indarrarekin, abiadura helduago batekin jarraitu zion. Une berean seigarren zerbitzari bat korrika sartu zen, eta esan zuen arrain-plateren sorta arasa batean aurkitu zuela, baina zilarrezko mahai-tresnen aztarnarik gabe. Mahaikideen eta zerbitzarien tropela korridoreetatik joan zen itsumustuan eta talde bitan banatu zen. Arrantzalerik gehienek jabeari jarraitu zioten aurreko gelara, inork irten zuen ala ez galdetzera. Pound koronelak, presidenteak, presidenteordeak eta beste batek edo bik zerbitzarien geletara zeraman korridorera jo zuten, ihes egiteko bide errazagoa zelakoan. Eta hori egitean arropategiaren zulogune edo gelatxo ilunaren ondotik igaro ziren eta gizon txiki bat ikusi zuten, beltzez jantzia, seguru aski mirabe bat, bertako itzaletan. “Aizu! —esan zuen dukeak—. Inor hemendik pasatzen ikusi al duzu?” Gizon txikiak ez zion galderari zuzenean erantzun, beste barik esan zuen. “Agian neuk daukat bilatzen ari zaretena, jaunok.” Gelditu egin ziren, zalantzati eta harrituta, eta gizona arropategiaren atzeko aldera joan zen isilik, eta itzuli zenean esku biak zilar distiratsuz beteta ekarri zituen, eta mostradorean utzi zuen saltzaile baten patxadarekin. Zilarra itxura ikusgarriko dozena bat sardexka eta aizto ziren. “Zuk…, zuk…” hasi zen koronela, apur bat zurtuta azkenik. Gela txiki eta ilunean begiratu zuen eta gauza bi ikusi zituen: lehenengo, gizon txiki eta beltzez jantziak abadearen arropak zeramatzala; eta, bigarrena, atzeko gelako leihoa zartatuta zegoela, baten batek indarkeriaz zeharkatu izan balu bezala. “Gauza baliotsuak dira arropategi batean uzteko, ezta?” azpimarratu zuen abadeak, lasaitasun alaiarekin. “Zuk, zuk ostu dituzu gauza horiek?” esan zuen totelka Audley jaunak, adi-adi. “Nik ostu baditut—esan zuen abadeak adeitasunez—, itzultzen ari naiz behintzat.” “Baina ez zara zu izan”, esan zuen Pound koronelak, oraindik apurtutako leihoari begira. “Dena aitortu behar badut, ez naiz ni izan”, esan zuen abadeak, umoretsu. Eta aulkitxo batean eseri zen seriotasuna erakutsiz. “Baina zuk badakizu nor izan den”, esan zuen koronelak. “Ez dakit haren benetako izena —esan zuen abadeak baketsu—, baina badakit apur bat borrokarako daukan indarraz eta asko bere zailtasun espiritualei buruz. Iritzi fisikora ni itotzen ahalegindu denean heldu naiz, eta iritzi moralera damutu denean.” “A, arraioa — damutu!” oihu egin zuen Chester gazteak, barre-ikara batekin. Aita Brown zutitu egin zen eta eskuak atzean lotu zituen. “Bitxia da, bai —esan zuen—, lapur eta eskeko bat damutu izana, aberats eta seguru diren asko eta asko gogorrak eta kaskarinak diren bitartean, Jaungoikoarentzat edo gizakiarentzat antzu. Baina hor, barkatzen badidazue, nire arloan sartzen zarete. Penitentzia ekintza praktikoa dela zalantzan jartzen baduzue, hor dauzkazue zuen aiztoak eta sardexkak. Benetako Hamabi Arrantzaleak zarete, eta hor daude zuen zilarrezko arrain guztiak. Baina Jaungoikoak gizakien arrantzale egin nau ni.” “Gizon hori harrapatu duzu?”, galdetu zuen koronelak, bekoki ilunarekin. Aita Brownek aurpegi zimurtura begiratu zion. “Bai —esan zuen—, harrapatu dut, amu ikusezin eta ezin ikusizko hari batekin; haria gizon hori munduaren amaieraraino joaten uzteko bezain luzea da, baina berriro ekar daiteke tirakada batekin.” Isilune luzea izan zen. Bertan zeuden gainerako gizon guztiak joan egin ziren berreskuratutako zilarra beste kideei eramateko, edo jabeari gauzak zertan ziren galdetzeko. Baina aurpegi garratzeko koronelak mostradorean zeharka eserita jarraitu zuen, zango luzeak kulunkatuz eta bibote ilunari haginka. Azkenean, lasai esan zion abadeari: “Gizon azkarra izan behar du, baina uste dut azkarrago bat ezagutzen dudala.” “Gizon azkarra zen —erantzun zuen abadeak— baina ez nago seguru nor ote den zuk diozun bestea.” “Zeu zara —esan zuen koronelak, barre labur batekin—. Ez dut gizon hori presondegian ikusi nahi; zaude lasai horregatik. Baina hamaikatxo zilarrezko aizto emango nituzke kontu honetan zelan erori zaren zehatz-mehatz jakitearren, eta zelan berreskuratu duzun lapurtutakoa. Nire ustez, talde honetako deabrurik eguneratuena zara.” Aita Browni gustatu zitzaion soldaduaren zintzotasun goibela. “Tira —esan zuen, irribarrez—, ez dizuet gizonaren nortasunari buruzko edo haren istorioari buruzko ezer esan behar, noski; baina ez dago arrazoirik nik neuk aurkitu ditudan gertakari osagarrien berri ez emateko.” Mostradorearen gainetik ezusteko bizkortasunez egin zuen salto eta Pound koronelaren ondoan eseri zen, hankatxoak hesi batean dagoen ume bat balitz bezala ostikoka. Istorioa kontatzen hasi zen, aspaldiko lagun bati gabonetako suaren ondoan kontatzen arituko balitz bezain erraz. “Begira, koronela —esan zuen—, horko gelatxo horretan egon naiz gauza batzuk idazten, eta korridore honetan oin pare bat entzun dut, heriotzaren dantza bezain xelebrea zen dantza bat egiten. Lehenengo urrats arin, txiki eta barregarri batzuk etorri dira, gizon bat behatz-puntetan arrisku bat hartzera joango balitz bezala; gero, urrats geldo, arduragabeak, karraskariak etorri dira, gizon handi bat puru batekin paseatzen ari denean bezala. Baina oin berberek egiten zituzten, zin dagit, eta txandaka etortzen ziren; lehengo korrikaldia eta gero ibilaldia, eta berriro korrikaldia. Neure buruari galdetu diot, lehenik arretarik jarri gabe eta gero ernegatuta, zergatik antzeztu behar lituzkeen gizon batek bi rol horiek batera. Ibilkera bat ezagutzen nuen; zeurea bezalakoxea zen, koronela. Zerbaiten zain dagoen gizon prestu eta osasuntsu baten ibilkera zen, paseoan dabilena fisikoki erne dagoelako eta ez burua urduri daukalako. Banekien beste ibilkera ere ezagutzen nuela, baina ezin nuen gogoratu zer zen. Zer izaki zoro topatu dut nire bidaietan behatz-puntetan eta modu sinestezin horretan ibiltzen dena korrika? Orduan plateren txilin-hotsa entzun dut hor nonbait; eta erantzuna San Pedrorena bezain argi agertu zait. Zerbitzari baten ibilkera zen —gorputza aurrerantz makurtuta, beherantz begira, behatzen puntekin lurra mespretxatuz, frakaren hegala eta mahai-zapia hegaz—. Minutu batez pentsatu dut, eta gero beste minutu erdiz. Eta uste dut ikusi dudala zelan egin den delitua, hura egitera ni neu joango banintz bezain argi.” Pound koronelak adi-adi begiratu zion, baina hizlariaren begi grisak sabaian zeuden finkatuta tristura hutsarekin. “Delitu bat —esan zuen astiro—, edozein arte-lanen modukoa da. Ez harritu; delituak ez dira infernuko tailer batetik ateratzen diren arte-lan bakarrak. Baina arte-lan guztiek, jainkotiarrak ala deabruarenak izan, ezinbesteko marka bat daukate —esan nahi dut, lanaren muina sinplea dela, prozedura konplexua izan arren—. Hortaz, Hamlet-en, esaterako, lurperatzailearen groteskotasuna, neska eroaren loreak, Osric-en distira zoragarria, mamuaren zurbiltasuna eta burezurraren irribarrea, denak dira nabarmenkeriak beltzez jantzitako gizon baten figura sinple eta tragikoaren inguruko kiribil korapilatsu moduko batean. Bada, hau ere —esan zuen, aulkitik astiro eta irribarrez altxatuz—, hau ere beltzez jantzitako gizon baten tragedia sinplea da. Bai —jarraitu zuen, koronelak harriduraz begiratzen zuela ikusita—, kontu hau guztia jaka beltz bati buruzkoa da. Hemen ere, Hamlet-en moduan, eskrezentzia rokokoak daude — zuek, esan dezagun—. Hildako zerbitzaria dago, hor zegoena hor ezin zenean egon. Zuen mahaia zilarrez garbitu eta desagertu den esku ikusezina dago. Baina, funtsean, delitu adimentsu guztiak oinarritzen dira gertakari sinple batean —berez misteriotsua ez den gertakari batean—. Engainua hura estaltzeko da, gizakiaren pentsamenduak handik urrun eramateko. Delitu handi eta trebe eta (inguruabar normalean) oso errentagarri hau gertakari sinple batean eraiki da: zaldun baten etiketa-jantzia eta zerbitzari batena berdin-berdinak dira. Gainerako guztia antzezpena izan da, antzezpen bikaina, bai horixe.” “Hala ere —esan zuen korolenak, altxatuz eta oinetakoei bekokia zirmurtuz—, ez dakit ondo ulertu dudan.” “Koronela —esan zuen aita Brownek—, ziurtatzen dizut zure sardexkak ostu dituen lotsabakotasunaren goiangeru hori korridore honetan ibili dela hara eta hona hogei bider lanpara guztien argitan, begi guztien bistan. Ez da ezkutatu bazter ilunetan, non susmoa bere bila joan zitekeen. Korridore argiztatuetan ibili da etengabe, eta egon den leku guztietan bere eskubidez zegoela zirudien. Ez galdetu niri zelakoa den; zuk zeuk sei edo zazpi bider ikusi duzu gaur iluntzean. Gainerako pertsona handiekin batera zain egon zara zu korridore honen amaieran dagoen harrera-gelan, terraza apur bat harago dagoelarik. Zuen zaldunen artera etorri denean, zerbitzari baten eran etorri da, oinaztargia bezala, burua makur, ahozapia hegaz eta oinak arin. Terrazara irten du, mahai-zapiari zeozer egin dio, eta bulegorantz eta zerbitzarien geletarantz joan izan da bizkor. Bulegoko langilearen eta zerbitzarien begietara agertzen zenerako beste gizon bat zen gorputzaren zentimetro guztietan, keinu instintibo guztietan. Zerbitzarien artean paseatu du, denek beren nagusiengan ikusten duten lotsagabekeria distraituarekin. Haientzat ez da gauza berria afariko jende fina etxeko leku guztietatik ibiltzea, animalia batek zoologikoan egiten duen moduan; badakite jende dotorearen ezaugarririk nabarmenena dela haiek aukeratzen duten lekura joateko ohitura. Korridore zehatz horretatik ibiltzeaz ederto aspertuta egon denean jiratu eta bulegoaren aurretik igaro da; hortxe dagoen arkuaren itzalpean aldatu egin da, magia balitz bezala, eta Benetako Hamabi Arrantzaleen artera itzuli da presaka, esaneko zerbitzari bihurtuta. Zergatik begiratu behar lioke zaldun batek zerbitzari bati? Zergatik hartu beharko lukete zerbitzariek hara-hona dabilen lehen mailako zaldun baten susmoa? Behin edo birritan trikimaina lotsabakoak egin ditu. Jabearen gela pribatuetan soda-uraren sifoi bat eskatu du arduragabeki, egarri zela esanez. Berak eramango duela esan du adeitsu, eta hala egin du; zuen artetik igarota eraman du, azkar eta ongi, zerbitzari bat mandatu nabari batekin. Noski, hori guztia ezin zen gehiegi luzatu, baina arrain-plateraren bukaeraraino baino ez zen luzatu behar. “Unerik txarrena zerbitzariak ilaran zeudenean izan da. Baina orduan ere izkinan geratzeko konpondu da, horman bermatuta, halako moduan non une garrantzitsu horretan zerbitzariek zalduna dela pentsatu duten, eta zaldunek zerbitzaria dela. Gainerakoa erraz-erraza izan da. Zerbitzari batek mahaitik urrun harrapatuz gero, zerbitzariak aristokrata gogogabe bat harrapatzen zuen. Arraina mahaitik kendu aurretik minutu biko tartea zaindu besterik ez du egin behar izan, bizkor-bizkor zerbitzari bihurtu eta mahaia berak garbitu. Platerak arasa batean utzi ditu, zilarreria bularreko poltsikoan sartu, konkorrak sortuz, eta erbia bezala egin du korrika (etortzen entzun dut) arropategira iritsi arte. Han berriro plutokrata bat izan behar zuen, presazko konturen bategatik bat-batean alde egin behar zuen plutokrata. Nahikoa zen arropategiko langileari txartela ematea eta sartu den bezain dotore ateratzea. Baina, baina ustekabean neu izan naiz arropategiko langilea.” “Zer egin diozu? —egin zuen oihu koronelak, gogo biziz—. Zer esan dizu?” “Barkatu, arren —esan zuen abadeak irmo—, hortxe bukatzen da istorioa.” “Eta istorio interesgarria hasten da —murmurikatu zuen Poundek—. Uste dut haren trikimailu profesionalak ulertzen ditudala, baina ez ditut zureak aditzen.” “Joan egin behar dut”, esan zuen aita Brownek. Elkarrekin joan ziren korridoretik sarreraraino, eta Chester-eko dukearen aurpegi fresko eta pekatsua ikusi zuten, haiengana saltoka eta baikor zihoala. “Zatoz, Pound —esan zuen arnasestuka—. Zure bila ibili naiz leku guztietan. Afariari ekin diogu berriro distiratsu eta Audley zaharrak diskurtsoa egin behar izan du sardexkak salbatu izanaren ohorez. Zeremonia berriren bat hasi nahi dugu, badakizu, okasioaren oroitzapena egiteko. Nire ustez, zeuk berreskuratu dituzu ondasunak, zer iradokitzen duzu?” “Tira —esan zuen koronelak, onarpen burlati moduko batekin—, nik proposatuko nuke hemendik aurrera jaka berdeak eramatea, beltzen ordez. Inoiz ez dakizu zer errakuntza sor daitezkeen zerbitzari baten itxura daukazunean.” “A, zer demontre! —esan zuen gazteak—, zaldun batek inoiz ez dauka zerbitzari baten itxura.” “Ez eta zerbitzari batek zaldunarena, ezta? —esan zuen Pound koronelak, aurpegian irribarre kopetilun bera zeukalarik—. Abade jauna, zure lagunak azkarra izan behar du zaldun baten jokabidea antzezteko.” Aita Brownek beroki arruntaren botoi guztiak lotu zituen, gaua ekaiztsua baitzen, eta bere guardasol arrunta hartu zuen esekitokitik. “Bai —esan zuen—; lan gogorra izango da zalduna izatea; baina, badakizu, batzuetan pentsatu izan dut agian hori bezain neketsua izan daitekeela zerbitzaria izatea.” Eta “Gabon,” esanez gozamenen jauregi hartako ate astunak zabaldu zituen. Urrezko ateak bere atzean zarratu ziren eta bizkor joan zen kale heze eta ilunetan, penike bateko omnibus baten bila.
AURKBIDEA 198 kilometroko “oparia” Ainhoa Azurmendi– Psikologoa eta kirol aholkularia Arritxu Iribar – Kirol kazetaria “Kazetaritza duinik gabe, botereak nahi bezala kontrolatuko ditu herritarrak” Bozieniko arraunkadak “Euskal herritarra sentitzen naiz, eta frantziarra ere banaiz” Etendako ibilbidea berreskuratzen Kristalezko sabaiaren aurka borrokan Katu zinemagilea Lokatzetan “Lehentasunen zerrendan, ikasketak lehenengo postuan daude” Maika Brust “Atletismoa ez dut inoiz bizitzeko modu bat bezala ulertu” Maite Maiora Elizondo, Mendiko lasterkaria Motorra ez dute itzali Oinarriko lana, funtsezkoa denboran mantentzeko 198 kilometroko “oparia” 40 urte betetzeak berezia izan behar duenaren aitzakian, ohikoak izaten dira lagunarteko bazkariak, bidaiak eta erronkak. Pasa berri den udan Zergatik ez? taldeak eginikoa, ordea, betiko ospakizunetatik urrun dago: Orio-Bilbo-Orio zeharkaldia egin dute arraunean 32 emakumek. Desafioan parte hartu duten hiru emakumerekin bildu da ‘Harmaila’, itsasoan bizitakoa, esperientzia pertsonala eta arraunean ikasitakoa biltzeko asmoz. “Ez diogu inori ezer frogatu nahi izan; geure buruari salbu”. Hala diote Ainhoa Pozok, Eider Osinaldek eta Sorkunde Lizasok erronkari buruz galdegindakoan. Bada, ia talde erdiak 40 urteko langa gainditua du, eta gehienek ez zuten ordu arte arraunik izan eskuetan. “Urteek aurrera egin ahala beste lehentasun batzuk dituzu: lana, umeak, familia, lagunak… Kirola pixka bat alboan uzten duzu. Kirolarekin harremana berreskuratzeko modu bat izan da zeharkaldia”, dio Pozok. Lotura berriz egitea, ordea, ez da nolanahiko lana izan. 198 kilometro egin dituzte, lau egunetan banatuta. Urtebete gogor entrenatzen egon ondoren, uztailaren 12an atera ziren Oriotik, urduri bezain gogotsu, eta hori gutxi ez balitz, eguraldia ez zuten lagun izan. “Goizean goiz atera ginen herritik, eta lehen geldialdia Bermeon egitea genuen pentsatuta. Euriagatik, ordea, Getarian geratu behar izan genuen”, dio Pozok atzera begiratuta. Ohiko denbora baino 45 minutu beranduago iritsi ziren San Antongo mendiaren babesera. Hasierako uneak “gogorrak eta ziurgabetasun handikoak” izan zirela onartu du Lizasok, eta hilabeteetan egokitutako plangintza kolokan egon zela dio. “Itsasoak bere lekuan jarri gintuen; dena antolatu dezakezu, baina naturarekin ez dago jakiterik”. Pozo bat dator Lizasorekin, eta tentsioa nabarmena izan zela dio, zalantza baitzen erronkak aurrera jarraituko zuen. “Batzuk Ondarroan geunden aldaketaren zain – hamahiru arraunlariko bi txandetan banatu dute trainerua–, baina egoera ikusita Getariara joan ginen. Entrenatzaileek zuten azken hitza, eta haientzat ere oso zaila zen; ez zuten guri ezer pasatzerik nahi. Azkenean, tripulazioa aldatu eta itsasora irten ginen berriro. Azkenean iritsi ginen Bermeora! Eguerdi aldera iritsi ordez, gauean. Baina bertan ginen!”. B plan bat ere bazutela diote: uztaileko bigarren asteburuan egin ordez, zeharkaldia bertan behera utzi eta erronka beste egun batzuetan egitea. Erabaki hori, baina, ez zen axolagabekeriaz hartu beharrekoa: “Konpromiso asko hartu genituen, eta guk ez genuen nahi atzeratu. Ez da hain erraza gainera: jendeak familia dauka, umeak, lana… guztiok antolatzea ez da erraza izan. Jai hartu genuen askok erronka hori iteko”. Itzulera “gozamen” hutsa Behin Bizkaiko kostaldean zirela, ordu arte bizitako emozioak berehala azaleratu zirela gogoratu du Osinaldeak, eta lesioak direla medio, erronka utzi behar izan zuten lagunak portuan zain egotea unerik hunkigarriena izan zela dio. “Zoragarria izan zen: moila jendez gainezka, txaloak, oihuak… Emakumeen aldetik sentitu genuen konplizitatea izan zen ederra; militantzia puntua zuen”. “Indarberritzeko” balio izan ziren lehen geldialdiak, baita herri arteko “pikeak” albo batera uzteko ere: “Bermeon “Aupa Orio!” entzutean ohartzen zara lehen mailako lehiakortasuna albo batera gera daitekeela halako ekimen batean”, azaldu du Lizasok. Osinaldek, ordea, “ahizpatasun zintzo” horretaz ohartarazi du: “Lehiarik ez zegoelako animatu gaituzte. Gure buruarekin genuen erronka bat zelako”. Biharamunean Bermeo utzi eta Bilborantz abiatu ziren. Han ere harrera beroa jaso zutela nabarmendu dute hiru arraunlariek, eta, besteak beste, Portugaleteko Bizkaia Zubiaren azpitik pasatzeko aukera izan zutela diote. Behin joaneko bidea eginda, etxera itzultzea “beste patxada batez” hartu zutela dio Lizasok: “Bat-batean han zaude, itsasoaren erdian arraunean, zu eta beste hamabi lagun, Gaztelugatxeren aldamenetik igarotzen. Beste egoera batean egingo ez zenituzkeen gauzak dira”. Bada, ordea, hiru arraunlarientzat bizipen ahaztezin bat: “Enrique patroiari aurpegia aldatu zitzaion Oriora sartzen hasi ginenean. Gu herriari bizkarra ematen gindoazen, baina berak dena ikusten zuen”. Zeharkaldi osoa traineru batekin egin bazuten ere, azken txanpan bigarren ontzi bat itsasoratu zuten. Uztailaren 15ean herri osoa kalean zuten zain, txalo zaparrada eta animo oihuen artean: “Hamahiru emakume beharrean, 32 emakume sartu ginen Oriora arraunean. Erronkakoak Bilbotik irten zirenean, batzuk Oriora etorri ginen bigarren ontzia uretaratzera. Getarian elkartu ginen, eta guztiok azken kilometroak osatzea oso berezia izan zen”. Eztanda moduko bat izan zela dio Lizasok, eta emozioz gainezka, herriaren babesa modu horretan sentitzea “ahaztezintzat” jotzen du. Opari moduko bat Baina nondik dator ia 200 kilometroko ibilbidea osatu beharraren abiapuntua? Jakina da oriotarrek joera eta gertutasun berezia dutela arraun munduarekin, eta herriko eskoletan kolore horiari “Aupa Orio” esaten diotela. “Oriotarrak izateak eragingo zuen, dudarik gabe! Baina batez ere naturarekin eta kirolarekin zerikusia zuen zerbait egin nahi genuen”. Ez betiko bazkari bat, ezta hain modan dauden maratoi jendetsu horietan korrika egitea ere, arraun taldeko kide baten 40.urtebetetze ospakizunak “berezia” izan behar zuen, eta Oria ibaiaren magalean egonik, zer hoberik arraunean egitea baino. Arraunei besterik gabe eragitea meritu gabeko erronka zela ohartarazi zien lehen unetik entrenatzaileak, eta lehen erronka izango zena proposatu zieten arraunlari berriei: 30 emakumeko taldea osatzea eta Bilborainoko ibilbidea egiteko desafioa onartzea. WhatsApp bidez iritsi zitzaien gonbidapena Lizasori eta Osinalderi, eta “askorik pentsatu gabe” baiezkoa esan dutela diote: “Nik jada 58 urte ditut, eta aukera hau opari bat izan da niretzat”, dio Sorkunde Lizasok, “amets bat bete duela” esanez. Arrauna lanari nahiz familiari egokitu beharra ere “ez dela erraza” izan dio Osinaldek: “Askotan lanera joan aurretik entrenatzen nintzen, eta bestetan ondoren; ni bezalaxe ibili dira taldeko beste hainbat”. Baina harro daude lortutakoaz, eta kendu baino traineruak “gehiago eman” diela nabarmendu dute. Ahalduntzeko eta hausnartzeko garaia ere izan da erronkak iraun duen urtebetea. Hala dio Lizasok: “Funtsean, zeure buruarekin egoteko aukera paregabea da: zu, itsasoa eta isiltasuna. Jendeak diru asko izan dezake, auto garestiak, eta luxuzko etxeak. Ni, ordea, aberatsa sentitzen naiz Zergatik ez? ekimeneko parte izan naizelako, eta sentsazio hau paregabea da”. Bat dator Pozo Lizasorekin. Horrez gain, talde izaeraren garrantzia azpimarratu du:“Futbola ere taldeko kirola da, baina nahikoa da jokalari batek gola sartzea partida irabazteko. Arraunean irabazteko guztion ahalegina beharrezkoa da; zuk ez baduzu egiten ondokoak bikoitza egin beharko du eta alderantziz. Hori ere ikasi dugu”. Ainhoa Azurmendi– Psikologoa eta kirol aholkularia Iñaki Berastegi “Euskal Herrian ulerkorragoak izaten ari gara, onarpen maila handiagoa dugu” Euskal Herriko kirol erakundeetako goi karguetara geroz eta emakume gehiago iristen ari dira azken urteotan, eta aldaketa hori ez da “kasualitatez” eman Azurmendirentzat: “Azpimarratu eta goraipatu beharreko zerbait da”. Hala ere, Azurmendik uste du emakume bat goi kargu batean egoteak ez duela zertan adierazten klub edo erakunde horretan berdintasunaren alde lan egiten denik edo emakumeen eskubideak errespetatzen direnik. Amaia Gorostiza Eibarren, Livia Lopez Araskin edo Nekane Arzallus Gipuzkoa Basketen. Argi dago geroz eta emakume gehiago ikusten ditugula Euskal Herriko kirol erakunde edo klubetako kargu gorenetan. - Azpimarratu eta goraipatu beharreko zerbait da. Oso garrantzitsua iruditzen zait emakumeak erabakiak hartzen ikustea tradizioz gizonezkoena izan den arlo bateko goi karguetan. Bi aspektu azpimarratu nahiko nituzke: batetik, emakumeek berritasun sentsazioa ematen dutela, erakunde bat irekiagoa dela erakusten baitute, eta, bestetik, nabarmendu nahiko nuke erakunde bateko goi karguetan emakume bat egoteak ez duela zertan adierazi nahi klub, talde edo erakunde horretan berdintasuna bermatuta dagoenik, edo emakumeen eskubideak aintzat hartzen direnik. Korronte berriren bat datorrela adierazi nahi du emakume gehiago klubetako goi karguetara iristeak, edo Euskal Herriko hiru klub garrantzitsu hauetan presidenteak emakumezkoak izatea kasualitate hutsa iruditzen zaizu? - Ezin da zerbait puntuala izan. Testuingurua oso garrantzitsua da, eta azterketa bat modu zabalagoan egin behar da. Esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoan, aspalditik daude berdintasun politikak, eta 2005ean berdintasun legea onartu zenetik aurrerapauso handiak eman dira, eta horrek oihartzuna izan du kirolean. Berdintasun plan hori lortzeko asko itxaron behar izan dugu, baina hori dela eta, ezin dugu esan aurrez aipatutako fenomeno hori kasualitatez gertatu denik. Kuantitatiboki azterketa egiten badugu, egia da Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia baino gorago egon dela emakumeen presentziari dagokionez, kirol munduan eta bertatik kanpo. Kasu zehatzetara etorrita, Emakumezkoen Saskibaloi ligako bi presidente eta bi entrenatzaile emakumezko bakarrak euskaldunak dira: Livia Lopez eta Madelen Urieta Araskin, eta Carmen Muguruza eta Azu Muguruza IDK Gipuzkoan. -Nabarmentzekoa da aipatu dituzun bi entrenatzaile euskaldun horiek saskibaloiarekin urte askotan oso konprometituak egon diren emakumeak direla, emakumeen saskibaloian, zehazki. Biek argi eta garbi nabarmendu dute zenbaterainoko garrantzia duen emakumezkoak egotea emakumezkoen kirolean, eta beti aldarrikatu dute emakumeen eskubidea eta kalitatea kirola egiterakoan. Oztopoak oztopo, eta erresistentziak dauden arren, oso adibide esanguratsuak dira. Dena den, enpresaren munduan eta zer esanik ez kirolean, gizonek agintzen jarraitzen dute, eta matxistak dira. - Kontuan hartu behar da gizartea matxista dela. Hori aldatzea oso zaila da, oso errotuta dagoelako baloreetan. Batzuetan begi bistakoa da, baina beste batzuetan, oso modu burutsuan azaleratzen da. Kirol arloan elementu garrantzitsua da estatus soziala, eta gizonek presentzia gehien izan duten, gizonen estereotipoak azpimarratu, goraipatu edo azaldu dituzten kirol horietan, estatu sozial edo botere handiagoa dago. Eta kirol horietan emakumeak sartzeko erresistentziak egon dira. Luzaroan pentsatu izan da emakumeek ez zeuzkatela gaitasunak zuzentzeko, eta hori enpresan ere gertatzen da. Kirol arloan hori oso argi ikusten da entrenatzaile, presidente edo epaileetan. Hortaz, presidentea emakumea izateak erakutsi dezake kluba ezberdina dela? Iragazkortasun eta dibertsitate irudia ematen dute, eta hori ezinbestekoa iruditzen zait. Batzuetan izan daiteke ongi pentsatuta hartutako erabakia, ezagutzen baitut gure inguruan, hainbat federazio edo klubek nahita egin dutela apustu estrategiko hori, erakundeari beste itxura bat emateko, eta aldi berean emakumeek postu horietarako balio dutelako. Guztiz kontrakoa kasuak ere egon daitezke, gerta liteke irudia aldatzea baina funtzionatzeko modua betikoa izatea, edo betiko moduak errepikatzea emakume bat presidente izanda. Hazkuntza potentzial izugarria dago emakumeen partaidetza sustatzen bada, baina baita ere behar morala eta etikoa ere bada apustu hori egitea. Inoiz ez dut ulertuko horren alde ez egitea. Berdintasunaren alorrean, kirolen artean ba al dago ezberdintasunik? Eta taldekako kirol eta bakarkakoen artean? -Irakurketa sozial eta ekonomikoa egiten badugu, taldekako kirolak gehiago nabarmentzen dira. Kirol batetik bestera baino, aldaketa gehiago ikusten dut taldekako kirol eta banakako kirolen artean. Ikerketek adierazten dute erresistentzia antzekoak daudela kirol gehienetan. Arraun mundua ez da tradizionalki taldekako kirol bat bezala hartzen, eta arrauna tradizionalki oso maskulinoa da. Erresistentzia dagoen arren, emakumeak sartzen ari dira. Dena den, paper batzuk eta estereotipo batzuk puskatzen ari dira. Euskal Herrian irekiagoak edo ulerkorragoak izaten ari gara, onarpen mailan handiagoa dugu. Emakumeek kirol-arloan entrenatzaile eta epaile izateko aurkitzen dituzten oztopo psikosozialak izeneko zure tesian bi hitz gako aipatzen zenituen: demostratzea eta berrestea. - Nire tesiaren ondorio argi bat zen emakumeen erabakiak gehiago kuestionatzen zirela. Eta ondoren, zerbait demostratu ostean, esandakoari eustea ere beharrezkoa zela. Bibiana Steinhaus aipatuta, oso garrantzitsua da Alemaniako lehenengo mailako futbol ligan emakumezko bat epaile lanetan aritzea. Bada, txalotzekoa iruditzen zait gizonezkoen aldetik, adibidez, Iker Casillasen jarrera, Steinhausi etorkizunerako zorterik onena adierazi zionean. Emakumeek badakite horri aurre egin behar diotela, eta badakite batzuetan hainbat jarrera hartzea beharrezkoa dela; inposatzen jakin behar dute, jarrera serio bat hartu behar dute batzuetan, kolkora igoko zaizkielako bestela. Bestalde, presidente emakumearen figura normalizatzeko prozesuan, oso garrantzitsua da nabarmentzea, klub horiek emakume batekin gorengo karguan oso emaitza onak lortu dituztela. -Bai, noski. Gauzak gaizki doazenean ekartzen ditugu gogora batzuetan horrelakoak. Orain dela urte batzuk egin genuen ikerketa zuzendaritza postuetan zeuden emakumeekin, eta ondoriotako bat zen emakumeak goi karguetara iristen zirela enpresa edo erakundea oso egoera larrian zegoenean. Gauzak ongi egiten direnean kontatu egin behar dira. Egun batean normaltasunez hitz egingo dugu horretaz, baina seguru nago askok pentsatzen dutela demostratu badu aukerak berdinak izan behar direla emakume zein gizonentzat. Hori postura post-matxista da, ez gaude berdintasun egoera batean. Hortaz, ondo egiten diren gauzak goraipatu eta erakutsi behar dira. Ereduak oinarrizkoak dira, gizarteari erakustea normaltasunez gertatzen ari dena. Deigarria da, ia gizonezkoetan bezain zaila dela emakumezkoen gorengo mailan presidente emakumeak ikustea. -Benetan logikoena litzateke emakumezkoak egotea emakumezkoen klubetan, eta gizonak gizonekin aritzea, eta gero emakumeak eta gizonak nahastea berdintasun egoera batean. Emakumeak gizonezkoen kiroletara iristen dira, baina lehenago beste hainbat taldetan lanean aritzen dira. Gure sozializazioak karga kultural handia dauka sexuaren arabera. Hori guztia mugitzen ari da. Futbol munduan oso emakume gutxi egon dira, tradizioz erresistentzia handiena izan duen kirola baita. Zure tesian oztopo motak aipatzen zenituen: soziokulturalak, aukera faltak eta norberarenak. -Guk ere barneratzen ditugu oztopo horiek batzuetan. Zuzendaritza postuetan aritzen ziren emakumeekin egindako ikerketan agerian geratu zen emakumeek ezin zutela bilera bat arratsaldeko zazpietan egin umeak zaindu behar zituztelako. Datuek zer esaten dute? Oraindik gizonek eta emakumeek ez dutela berdin lan egiten etxean, nahiz eta hori aldatzen ari den. Guri etengabe kapazak ez garela esaten digute, eta ideia hori buruan sartzen zaigu batzuetan. Gainera, nire tesietako ondorio bat zen, gizonak emakumeek baino formazio gutxiagorekin postu baterako gai ikusten zutela euren burua, eta emakumeei gehiago kostatzen zitzaiela. Livia Lopez Araskiko presidenteak zioen detaile txikiak aldatzea ere beharrezkoa dela, araudietatik maskulino generikoa ezabatzea, adibidez. -Gauza asko dira. Guk arazo estruktural bat dugu gizarte honetan. Ezin da partxe bat jarri eta kitto. Gure irudikapen mentala ere aldatu behar dugu. Txiki-txikitatik umeek ikusten badituzte emakume sendagileak, autobus gidariak edo zuzendaritza postu garrantzitsuetan estereotipoak apurtu egiten dira, eta figura erreferente horiek normalizatzen joango dira. Hori kirolean gertatzen da, eta irudiarekin batera hizkuntza ere batera joan behar da. Azkenean iruditzen zait maskulino generikoa sartu diguten kristoren gola dela. Hizkuntza garrantzitsua da, zaindu behar dugu eta maskulino generikoa erabilita, ez dugu hori sentitzen. Askok maskulinoan hitz egiten dute, beraiengatik, baina hori kontzientzia falta baino ez da. Arritxu Iribar – Kirol kazetaria “Ez naiz baztertua sentitu kirol kazetaritzan emakume izateagatik” Aurrenetako emakumea euskarazko kirol kazetaritzan. Irratiko ahots ezaguna. Erreferentzia txirrindularitzan, batez ere. Kirol zalea, zaletasun horren kontalari 31 urtez dagoeneko. Kirolarien laguna ere bai. Eta hori guztia, naturaltasun osoz egiten du Arritxu Iribar zumaiarrak. Kazetari ala esatari zara? Esatari, baina esatari izateko kazetari lana egin behar da. Ezin da esatari izan kazetari izan gabe. Kazetaritzaren oinarrizko printzipioen gainean, betiere. Lanean ikasten baita ofizioa, ezta? Hori da. Albistearen bi aldeak kontrastatu ahalik eta finen, eta azken batean, objektibotasuna helburu beti. Horren gainean aritzen naiz lanean. Eginez ikasi behar izan baituzu ofizioa, euskal filologoa zarelako ikasketaz. Bai. Zalantza handiak izan nituen kazetaritza edo euskal filologia egin, eta azkeneko hau aukeratu nuen. Karrera bukatzen ari ginenean, jendea eskatu zuten irrati eta telebista publikotik, hizkuntza aldetik bultzada eman nahi ziotelako hedabideari. Edonork egingo lukeena egin nuen: erakargarri egiten zitzaidan kazetaritza, eta izena eman nuen; bost lagunek uste dut egin genuela proba, eta hiru hartu gintuzten. Gero, zorte ona izan nuen, urtebetera oposaketak deitu zituztelako. Joan nintzen batere itxaropenik gabe, ezer prestatu gabe, eta plaza atera nuen. Ezer ikasi gabe? Kazetariak ziren ia denak, eta zer pentsatuko nuen bada nik plaza atera nezakeela... Hasiera zen hedabide publikoarena, eta 300dik gora lagun aurkeztu ginen. Etxean estu hartzen ninduten ea nora nindoan ezer ikasi gabe, eta nik esaten nien ikustera nindoala oposaketak nolakoak ziren eta hurrengokoak prestatuko nituela behar bezala. Baina, plaza atera nuen, eta ordutik gaur arte, irratian nabil. Kazetaria zara bokazioz? Agian bai. Zalantzak izan nituen garaian zein ikasketa egin, ordurako banebilen esatari lanak egiten herriko ekimen eta ekitaldi batzuetan. Eta euskararen inguruko kezka umetatik izan nuen, gero klaseak ere eman nituen. Euskarak lekua izan behar bazuen ekitaldiren batean, deitu egiten zidaten, txirrindularitzan eta arraunean, batez ere. Egin du euri pixka bat zure hasiera hartatik... Plaza orain dela 30 urte atera nuen, eta 31 daramatzat irratian. Aurrenetako emakumea izango zinen Euskal Herrian kirol kazetaritzan lanean, ezta? Bazen beste bat, Miren Gaska, Ser irrati katean. Gogoan dut garai hartan emakumezkoek ezin zutela lasterketa autoetan jarraitu, eta Txomin Perurenak behin, Gaska bere autoan eraman zuen mekanikoz mozorrotuta. Niri ez zitzaidan debeku garai hori tokatu. Elena Azpeitia nirekin batera sartu zen EITBn, eta bera ere euskal filologoa, eta aurrenetakoak izango ginen, bai. Baina ez omen zinen kiroletan lanean hasi irratian. Goizetako saio batean hasi nintzen, Joxerra Gartziaren programan. Konturatu ziren irratikoak askotan heltzen niela kiroletako gaiei, eta nola bazekiten erreferentziak eta harremanak nituela kirol munduan, handik gutxira eskaini zidaten zerbait egiteko kirol sailean, eta aurreneko lana izan nuen txirrindularitzako kronikak egitea. Nahigabe eman zizuten lan hori ala nahita, zu hain txirrindularitza zalea izanik? [Barrezka] Horrela hasi nintzen, eta bi urteren buruan, kiroletako lantaldera pasa ninduten. Hasieran, futbola ere egiten nuen, partidak kontatu. Reala eta Athletic egiten nituen, batez ere Reala. Txuri-urdinekin tokatu zitzaidan UEFA Kopako partidaren bat egitea Atotxa zaharrean, Stuttgarten aurka. Gaur egun, telebistak daude kazetarien gainean, baina orduan... Jokalari batzuk ezagutzen ere lanak! Bai al zen orduan kazetarientzako gunerik? Atotxan bazen bai. Uralitazko teilatua zeukaten, eta harmailaren gainean zeuden. Eskilara batzuetatik igo behar izaten zen. Beroa egiten zuenean, ez zen giro izaten teilatu haien azpian. Badut bitxikeria bat: Josean Alkorta zenak, Alemaniako kazetari baten deia jaso zuen Herri Irratian, galdetuz ea nolako eguraldia egiten zuen hemen. Etorri zen gizona neguko erropekin, eta justu egun hartan sekulako beroa egin. Nahiko barre egin genuen horren kontura. Emakumezko kirol kazetaria erabat gizonezkoena zen munduan. Nola bizi izan zenuen hori guztia? Naturaltasun osoz bizi izan dut beti, eta ez naiz inoiz sentitu baztertua. Baina joaten nintzenean zenbait jende elkarrizketatzera kirol jakin batzuetan, futbola, pilota eta arrauna adibidez, harritu egiten ziren esanez nik ere banekiela kirolaz. Ez dut izenik esango, batzuk bizi-bizirik daudelako, eta oso ezagunak dira. Betidanik ezagutu izan nauten lekuetan, txirrindularitzan eta, bidea errazagoa egin zitzaidan, beste modu bateko harremana nuelako. Halakoak entzundakoan, eragingo zitzaizun barren-barrenean halako amorrazio modukoa, ezta? Bai. Emakumezko kirolariak albiste izateko zerbait irabazi behar izan du, bestela azaldu ere ez delako egiten inon. Eta kiroletako emakumezko kazetariok ere erakutsi egin behar izan dugu jarraitu egiten dugula kirol mundua, ulertzen dugula guk ere kontu hauetaz. Motibatu egiten nintzen halakoak entzundakoan, eta erakustera joan gai nintzela eta ondo prestatzen nintzela, besteak baino hobea izan nintekeela. Kirolarien artean ere denak gizonezkoak izango ziren orduan. Ez zegoen emakumezkorik kirolean, salbuespen gutxi batzuk izan ezik. Atletismoa Maria Luisa Irizar zebilen, txirrindularitzan ni hasi eta gutxira azaldu ziren Orbea taldean Dina Bilbao zena, Josune Gorostidi, Amaia Elosegi eta hauek denak. Mendi eskian Isabel Dumal ere bazebilen. Joane Somarribaren garaia ere osoa bizi izan nuen. Beste kirol batzuetan, pentsa non zeuden emakumezkoak; adibidez, arraunean. Emakume kirolariak azaltzen joatea zer izan zen zuretzat? Hori ere naturaltasunez hartu nuen. Emakumezkoei ere gauzak natural hartzeko eskatu izan diet beti, eta ez egiteko alderaketak gizonezkoen munduarekin. Kirolariak ondo egin behar du kirola, ondo prestatu, eta emakumezkoak ere horixe bera egin behar du, natural hasi lanean beheko mailetan, eta pixkanaka gora egin lanari esker. Asko egin da denbora gutxian? Bai, baina asko dago egiteko oraindik ere. Emakumeek diskurtsoa aldatu behar dute, eta ezin da esan emakumezkoen kirolaren alde ari garela; ez, esan behar da kirolaren alde ari garela, generoaren bereizketa kenduz. Gazte guztiek egin behar diute kirola, eta aurrera doazen heinean, eska ditzatela gauzak, tokatzen zaizkie eta. Batzuetan ematen du ez dela ezer egin, eta gaur egun, edozein neskak du aukera edozein herritan kirola egiteko. Era berean, ematen du emakume kirolaria izateagatik dena libre daukagula, eta ez luke horrela izan behar; zaindu eta prestatu egin beharko genuke behar den bezala, entrenatu egin behar da gogor. Ez zait gustatzen emakume izateagatik bakarrik gauzak irabaztea. Azkenean, emakume talde batek itxura edo irudi txarra ematen badu, emakumeon kalterako da. Erakutsi behar dugu gaitasuna dugula, eta gai garela oso urrutira heltzeko lana ondo eginez gero. Kirol kazetaritzan ere ohiko bihurtu da emakumezkoak ikustea. Gizartean gertatzen ari denaren beste adibide bat baino ez da gurea orain. Normaltasunez hartu behar da. Baina ez du esan nahi dena eginda daukagunik, ez gure lanbidean ez eta kirol jardunean ere. Adibidez? Neurrien gaia da. Kirol askotan, gizonezkoen neurriekin lehiatzen dira emakumezkoak. Hor daude arrauneko eta futboleko kasuak, adibidez. Moldatu egin beharko lirateke neurriak material kontuan. Helduko dira aldaketak, eta iraultza eragingo dute emakumezkoen kirolean. Ezin da txapelketa bat antolatu, eta gizonezkoek dutena eskatzea. Alderaketak kalte egiten digu. Aldiz, behe-behetik lan ona egin den kasuetan emaitzak azaldu egin dira. Nork esango zuen emakumeek futbolean orain bezain ondo jokatuko zutenik hasierako garai haiek ikusita? Hor lan handia dago, eta hori da bidea. Euskarazko kazetariak egotea kirol munduan zuen hasierako urte haietan erabateko berrikuntza izan zen. Iraultza moduko bat izan zen zuentzat eta kirolarientzat? Lortzen genuen beste modu bateko harremana euskarazko kirolariekin. Astean bizpahiru aldiz joaten baginen talde baten berri ematera entrenamenduetara, beti jokalari berdinekin hitz egiten genuen, taldeko hiruzpalau bakarrik zirelako euskal hiztunak. Azkenean, taldeetako berriemaile beraiek bihurtzen ziren [barrezka]. Konplizitatea sortzen zen kirolari horien eta gure artean, eta ni emakumea izanda, uste dut errazago izan dugula informazioa lortzea. Jakin egin behar da zer kontatu eta zer gorde, eta horri esker, harreman horiei eutsi diet, bereiziz Arritxu kazetaria eta Arritxu laguna, erraza ez den arren batzuetan. Harreman on horrek jantzi egiten du gure lanaren emaitza, nik uste. Baina harreman on horiek ez dira oztopo izaten kirolari jakin baten inguruan kritika txarra egin behar izaten denean? Tokatu izan zait norbaiti egurra ematea, eta kosta egiten zaidala onartzen dut, baina egin egin behar da, eta hori ere naturaltasunez egiten saiatzen naiz. Denborak senda ditzake balizko zauriak kazetaria eta kirolarien artean, hitz eginez elkarrekin. Gero, ikusten duenean ondo egindakoan laudorioak botatzen dizkiozula, konturatzen da kirolaria gardena zarela kazetari bezala. Eta hala behar du izan kazetariak, entzuleei zor gatzaielako, egia kontatuz. Gabriel Garcia Marquez: “Lanbide onena kazetaritza da”. Ados? Aberatsa da lanbidea. Ez nuke aldatuko oraintxe bertan. Txirrindulari batek 150 kilometroko lasterketa batean hasi eta buka zer egiten duen jakitea erraza da gaur egun, baliabideak ditugulako horretarako. Baina lehen, lasterketa ikusi ere ez genuen egiten batzuetan, eta hurrengo egunean, egunkariren batean, agian, egundoko egurra jasotzen zuen txirrindulari batek. Baina bazitekeen horrek aurreneko 100 kilometroetan egundoko lana egin izana, eta horregatik geratzea atzean azkeneko zatian. Edo lasterketa egin du gau txarra pasata edota etxean arazo bat izanda. Pertsona horren atzean zer zegoen ezin izaten genuen jakin orduan, eta alde horretatik, gaur egun lana hobeto eta zehatzago egiteko aukera ematen digute baliabide berriek. Kirolariek beraiek zabaltzen dituzte albisteak eta mezuak gaur egun, eta gainera, zuzena ez den zerbait esaten badugu, segituan kontrolatzen eta zuzentzen gaituzte, dena leku guztietara azkar batean heltzen delako. Lehen zeharo ezberdina zen. Adibidez, Everesta norbait igotzen bazen, handik hamabost egunera jasotzen genuen informazioa, mendia jaitsi eta gero. Gaur egungo kazetariek ez dugu ospe onik. Zein da zure iritzia? Denetarik dago. Hainbeste informazio egonda, zure gustukoa ez dena onartzea zaila da. Ez baduzu benetan kontatzen ikusten dena, eta ez da zaila, normala da jendea haserretzea, gaur egun dena jakitearen eraginez erraza delako jakitea nor ari den gezurretan. Onartzen al dugu kazetariok gure lana gauzak kontatzea dela funtsean? Ematen du ezetz, iritzi pertsonalak askotan eman nahi izaten direlako. Oso mundu lehiakorra da kazetariena, eta iritzia eman beharraren eman beharraz, oreka galduta gabiltzala uste dut. Euskarazko hedabideen artean badago lehiakortasun hori? Ezberdina da. Gehiago gaude elkarri laguntzeko. Ona litzateke lehia egotea, esan nahiko lukeelako hedabide gehiago leudekeela, eta euskararen presentzia handiagoa litzatekeela. Bada lehia bat, publiko eta ez publiko diren hedabideen artean, eta ematen du gurea egurtzea errazagoa dela, publikoa delako, eta ez zait bidezkoa iruditzen. Zein albiste kontatzeak hunkitu zaitu gehien? Txarrerako, mendiko istripuak kontatzea oso gogorra egin zait. Felix Iñurrategiren heriotza lagun baten heriotza izan zen. Gailurrean zela hitz egin genuen, eta esan zidan ordu jakin baterako behean izango zela, eta orduan hitz egingo genuela zuzenean. Denbora aurrera, eta niri burutik pasa ere ez zitzaidan egin istripuaren arriskua. Jakin nuenean, oso gogorra egin zitzaidan. Norbera egoera txar batean egonda albisteak ematea ere ez da samurra. Lehengusu bat hil zitzaidan parapentean, eta handik hogei minutura zuzenean aritu beharra izan nuen. Onerako hunkitu nautenak izan dira Zumaiako arraunaren arrakasten kontakizunak. Gizonezkoen urrezko aroa ez nuen bertatik bertara bizi izan kazetari bezala, baina emakumezkoena bai, eta ederra izan zen. Miguel Indurainen Tourreko garaipenak ere ez dauzkat ahazteko. Laguna nuen aspalditik, eta Tourreko irabazleak idoloak ziren niretzat; bada, lagun batek lasterketa hori irabazi zuela kontatzea handia izan zen. Elkarrizketatzeko kirolari bat? Aldatu egiten dira urteekin kirolariak: hasieran, oso fresko azaltzen dira, eta denborarekin uzkurtu. Gogoan dut zeinen atsegina zen Andoni Imaz, Realean hasi zenean. Gozamena zen. Nik galdetu ea penaltia izan zen jokaldi bat, eta berak erantzun nik esan beharko nuela, nire lekutik berak baino hobeto ikusi nuelako. Alberto Martin eskubaloi jokalariarekin jardutea ere ederra zen. Asko daude. Nola utzi aipatu gabe Marino Lejarreta eta Abraham Olano. Kazetari bat gustukoa? Asko miresten dut, eta lankidea dut: Joxe Mari Apaolaza. Hizkuntzarekiko duen errespetua, lanak prestatzeko arreta erabatekoa... Profesional petoa, eredua. Gustuko ez duzun kazetari bat? Sermoilariak, egia osoaren eta jakinduria guztiaren jabe balira bezala aritzen diren horiek. Zein albiste ematea gustatuko litzaizuke? Ilusio handia egingo lidake Euskadi-Murias Euskal Herriko Itzulian ari dela kontatzea, eta nola ez, Tourrean parte hartzen ari dela zabaltzea. Taldeko txirrindulari ia denak umeak zirenetik ezagutzen ditut, eta jarraitu egin dut beraien ibilbide osoa. Bestela, Zumaiak beste Kontxako Bandera bat irabazi duela kontatzea ere ederra litzateke niretzat. Izugarria litzateke Euskal Herria Olinpiar Jokoetan ikustea eta kontatzea, eta ziur nago lortuko dugula. Euskal talde batek futbolean liga irabaztea, Europan gailentzea... Kazetari jardunaz aparte, herrigintzako hainbat arlotan ere bazabiltza. Ez dut ikasi ezezkoa esaten erakusten duen ikastaroa [barrezka]. Pertsona guztiok konpromezua hartu beharko genuke gizarteko edozein esparrutan, horrenbeste zor diogulako gizarteari berari. Dena kritikatzea erraza da, baina egitea zailagoa. Guk ez dugu denean asmatuko, eta etorri laguntzera. Borondatez egiten den guztia ona da, laguntzeko izaten delako. Herriari, hizkuntzari... badago zeri lagundu. Muturreko asko hartzen ditugu, baina busti egin behar da. Badu bere ordaina ere: etxean denbora gutxiago egoten zarelako, eta kalean, etiketa jartzen dizutelako segituan. Azkeneko udal hauteskundeetan EH Bilduko zerrendan joan nintzen, eta zinegotzi naiz Zumaiako Udalean, eta zenbait jendek bizkarra eman dit horregatik; ez dut ulertzen hori inola ere, burutik pasa ere ez zitzaidalako egiten horretarako jendea egon zitekeenik ere. “Kazetaritza duinik gabe, botereak nahi bezala kontrolatuko ditu herritarrak” Kazetaria eta korrikalaria, eta bi jardun horien bitartez, hainbat elkartasun proiektu sustatzen ditu. Irratiaz maitemindu zen txikitan Begoña Beristain (Bilbo, 1967), eta irratia du ofizio eta bokazio duela 30 urtetik. Bilboko Onda Vascan dabil aspaldian, korrika egiteari buruzko bloga ere badauka , eta baita liburu bat ere, korrikalari izatearen inguruan. Zer izan zen kazetaritza ikastera erakarri zintuena? Beti nahi izan nuen kazetari izan, gauzak kontatzea betidanik gustatu izan zaidalako. Gainera, irratiaren bidez nahi nuen kontatu. Haurra nintzenetik dator hau dena. Gure aitak irratian egiten zuen lan, kazetaria zen hura ere, eta haren bila joaten nitzen lanera, estudioan sartu eta argi gorria piztuta ikustea asko gustatzen zitzaidalako. “Kontatzen ari diren hau milaka etxetan ari dira entzuten, eta magikoa da”, esaten nion neure buruari, eta nahi nuen nik ere magia hori egin. Erabaki behar izan nuen zer ikasi, garbi neukan gauzak kontatu nahi nituela, beharrezkoa ikusten dudalako ahalik eta informazio gehiena helaraztea herritarrei, eta Kazetaritza aukeratu nuen. Besterik ez nuen buruan. Zuen aita pozik izango zen aukera horrekin. Hori da. Hark egiten zuenak segida izango zuela ikusi zuen. Etxe bat, irrati bat. Baita oraindik ere. Bai. Etxeetan irratia izaten zen piztuta, eta gure etxean beti dago bat piztuta. Denbora ere irratiaren bidez zaintzen dut, baita oporretan ere: orduroko albistegiak entzuten ditut edonon nagoela ere. Irratiko albistegietara lotuta bizi naiz. Aurrerapen teknologikoen aro honetan ere, irratiak hor jarraitzen du 'bizirik'. Zer du irratiak? Gertutasuna dauka. Ikerketa bat egin dute jakiteko euskal herritarrei zein komunikazio bide gustatzen zaigun gehien, eta irratia da. Konpainia ematen du, eta informazioa momentuan bertan ematen dizu. Irratiak sinesgarritasuna dauka, bai baitakizu nor ari zaizun informazioa ematen. Sare sozialetan, kasu batzuetan, ez dakizu nor ari zaizun. Azkenean, jendea ohitu egiten da gu entzuten, eta entzulearen familiako kide bihurtzen gara. Pentsa, gauza pertsonalak ere kontatzen ditugu eta! Ordu asko dira egunero hizketan, eta etxeetan sartzen gara. Jendeak gertu eduki nahi du norbait, etxekoez aparte, eta irratiak ematen die aukera hori. Bakarrik bizi direnei konpainia handia egiten diegu, adibidez. Kalean ezagutu izan nau jendeak: “Zu zara Begoña, Onda Vascakoa. Ez dakizu ondo nolako lagunartea ematen didazun”. Familia horietako kide naiz, familiakoa ez naizen arren. Irratia piztea, diala mugitzea... ariketa nostalgikoa da ia-ia. Duela gutxi joan nintzen erostera transistorea, eta pentsatu nuen ez dituztela salduko. Bada ez, dendakoak esan zidan oraindik ere ondo saltzen direla. Poza eman zidan. Ohera irratiarekin joatea ere ohitura da oraindik. Nolako saioak egin dituzu irratian? Albistegiak, programak... Erosoen programetan ibiltzen naiz, jendearekin lasai hitz egiteko aukera ematen duten horietan. Elkarrizketa luzexkak gustatzen zaizkit, gonbidatua lasai egotea hemen. Sekulako ez ditut elkarrizketako galderak idazten. Nahiago dut entzunez sortzea galderak, unean bertan. Ez badakizu entzuten ezin duzu irratian lanik egin. Barruan eraman behar da entzutearena. Urte asko daramat irratian, 30 bat urte, eta etxea bezala da niretzat. Hainbeste gonbidatu pasa da hemendik... Komunikazioaren mundua ez al doa azkarregi gaur egun, zuk hainbeste maite duzun lasaitasuna ia galdurik? Zenbat jendek irakurtzen du egunkaria osorik? Gauzak labur irakurtzeko joera dago orain, izenburua albiste batena, twitterreko karaktere kopuru mugatua eta abar. Irratia, aldiz, hor dago, piztuta etxean, itzali gabe, eta ez bazaizu interesatzen entzuten ari zarena, ez diozu kasorik egiten; baina interesatzen bazaizu, arreta jartzen duzu. Bakarrak gara komunikazio ereduetan gai garenak hartzailea une luze batez guri entzuten edukitzeko. Irauten jarraituko du irratiak? Baiezkoan nago. Irratiak osasun ona dauka, eta ez zaio gertatuko prentsari gertatzen ari zaiona. Zenbat arazo dituzten egunkariek eta aldizkariek irauteko, formula berriak aurkitzeko. Jendeak Interneten nahi du irakurri, baina ez du ordaindu nahi. Ezin da, baina. Interneten irakurtzeagatik ez badute ordaintzen, nola biziko gara informazio hori ematen diegunak? Kontzientziazio lan handia dago. Gure lana da azkenean, eta lana zenbat eta baldintza hobeagoetan egin, orduan eta handiagoa izango da kalitatea, emango dugun informazioa, eta hau hobea den neurrian, hartzailea ere libreagoa izango da, gauza gehiago jakingo dituelako. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta hobeto egingo duzu borroka nahi duzun horren alde. Kazetaritza duinik gabe, herritarrak nahi bezala kontrolatuko ditu botereak, eta informazioak askatasuna ematen digu ez gaitzaten kontrolatu eta erabili. Jarraitu egingo dugu irratian, eta prentsak ere segi egin behar du, baina hedabide handiek apustu indartsua egin behar dute kalitatearen alde. Horixe bakarrik geratzen zaigu jendeari emateko, kalitatea. Azkarregi galtzen ez ote den ari kalitatea... Hala da, bai. Gauzak oso merke egin nahi dituzte komunikazio enpresetan, eta dakiten kazetariak, urteak daramatzatenak lanean, bidali egiten dituzte, eskulan merkeagoa izateko haien ordez. Zenbat kazetari daude 50 urtetik gorakoak erredakzioetan? Hauek ez badaude, nork erakutsi behar die kazetari gazteei? Gutxi gorabeherako lanak ez du balio, antzeman egiten delako ona ez dela. Kalitateari eusten dionak iraungo du, baina gero eta eduki txarragoak ematen ari gara. Interneten lan egiteko eskaintza asko lotsagarriak dira, eta batzuetan kazetariak berak ordaindu behar, gainera, lan egiteko. Nahi dute gutxi irabazteagatik lan asko egitea. Erraz ari gatzaizkie lanak jartzen agintea dutenei, herritarrekin nahi dutena egin dezaten. Begira zenbat bider zabaltzen diren twitterren ‘fake news’ edo gezurrak diren albisteak, eta zein gutxi benetakoak. Informazioa egiaztatu gabe zabaltzen dira gauzak, eta egiaztatu egin behar dira, iturrietara joan, hedabideetan irakurri, eta ez edozein lekutan. Boterearen sistema ez al dago jarduera hauen atzean? Jakina baietz. Hauek nahi dute jendeak jakin dezala beraiei komeni zaiena, botereari ondoen datorkiona. Non dago informazio ona aukeratzeko askatasuna? Nik nahi dudana da kalitatezko informazioa eta fidagarria jasotzea. Izen ona eduki behar du kazetariak. Herrialde totalitarioetan erabat kontrolpean ditu botereak hedabideak, eta horrekin ez dut esan hemen ere hala ez denik. Jendeak ez badu jakiten benetan zer ari den gertatzen... Nola lortzen du izen ona kazetariak? Lan ona eginda. Elkarrizketatuak zabalduko du azkar gustura egon dela kazetariarekin, ondo landutako elkarrizketa egin diolako, adibidez. Erreportaje batean, berriz, iritzi guztiei lekua egiten dien kazetaria ona izango da. Beti geratuko da, hortaz, kazetari onen bat hor zehar, hedabide enpresen jarrera desegokien parez pare? Bai, beti. Kazetari duinen bat beti egongo da, erromantiko bat, sinesgarritasuna izan nahi duena. Nahiko nuke nigatik hori esatea entzuleek, horrela oroitzea. Zer gustatuko litzaizuke kontatzea? Hainbeste gauza kontatu ditut... Elkarrizketaren bat norbaiti? Ez daukat inor buruan. Gogoa dudanean norbait elkarrizketatzeko, saiatu egiten naiz beti. Gero, lortu edo ez lortu, beste kontu bat izaten da. Ez zizkizuten ezezko asko emango zuri. Ez. Ezagutzen naute, eta badakite nolako elkarrizketak egiten ditudan. Irabazi egiten da hori, eta aurretik asko ereinda. Ikusten ez den lana da hori, jendearen atzetik nola ibiltzen garen, gaurko zena biharko atzeratu beharra eta abar. “Korrika gozatu egiten dut, eta gainera, beharra duenari lagundu” Zergatik egiten dizkizute elkarrizketa gehiago, kazetari ezaguna izateagatik ala korrikalari ona zarelako? Denagatik. Gauza asko egin ditut kazetari bezala, eta asko gustatzen zait lanbide honetaz hitz egitea. Uste dut nabarmendu egin behar dela gure lana. Sari batzuk ere eman dizkidate, eta sarien bueltan elkarrizketa dezente eman izan ditut. Asko gustatzen zait kazetariekin egon eta lanbideaz hitz egitea. Korrikalari bezala ere eman ditut elkarrizketa batzuk. Esaten duzu pentsatu ere ez zenuela egiten korrika egingo zenuenik. Saskibaloian asko jokatu nuen, igeri ere dezente egin izan dut, eta egun batean, bururatu zitzaidan probatu behar nuela korrika egitea. Gustatu, eta berriz joan nintzen beste egun batean. Horrela gaur arte. Jendea ezagutzen hasi nintzen, irratiko saioan tartea ematen hasi nintzen, eta batere uste gabe, erronkak jartzen hasi nintzen. Irratiko saioan pentsatu genuen hau egitea: inoiz korrika egin gabea zen batek sei hilabetean prestakuntza egitea maratoi erdi bat egiteko. Norbaiten bila hasi behar genuela eta, neuk esan nuen irratian nik egingo nuela, saiatu egingo nintzela. Horrela egin nuen lehen maratoi erdia, eta gero, idazten ere hasi nintzen korrika egitearen inguruan blogean (http://begoberistain.com/ ), niretzat zer den eta abar. Eskaintzak jasotzen hasi nintzen honetaz eta hartaz idazteko, eta azkenean, liburua ere idatzi dut (Tú también puedes ser runner. La experiencia vital de una corredora + allá de los 40 ). Irratiko saioa ere egiten hasi ginen (MendiRun), eta gozatu egiten dut saioa egiten. Zenbat korrikalari ez ote dira azaldu saioan... Zuk menderatzen duzun gai baten inguruan saio bat egitea ederra da, bizi egiten duzulako. Emakumeen artean korrika egiteko zaletasuna sustatu zalea zara. Bai. Gustatzen zait erronkak jartzea, eta horietan emakumeek ere parte hartzea. Aurtengo Behobia-Donostia beste hamar emakumerekin egingo dut. Behobian emakume eta gizonezkoen arteko parekidetasuna lortzea nahi dut, erdiak eta erdiak izatea 2050rako, eta sare sozialetan egin genuen deialdia. 500 emakumek eman zuten izena, baina hamarrentzat bakarrik daukagu aukera. Nik esan diet azkenarekin egingo dudala lasterketa, ez naizela joango erlojuari begira nire marka hobetzera. Ikusi dut korrika egitearen bidez lan handia egin daitekeela genero berdintasunaren gaian. Gauzak sortzen joan dira, eta korrika egitea nire bizitzan oso garrantzitsua bilakatu da. Nola dago berdintasunaren gaia korrika probetan? Begira, berezia izango naiz agian, baina lasterketetako araudi guztiak irakurtzen ditut, eta eskerrak, aldatu beharreko gauza batzuen berri izan dudalako. Adibidez, behin, lasterketa bateko mailetan, emakumeen adin muga 50 urtekoa zen, eta gizonena 55ekoa. Esan nien antolatzaileei jartzeko emakumeena gizonen pare. “Inor ez da etortzen, baina”, erantzun zidaten. Baina handik astebetera deitu eta aldatu zutela esan zidaten. Lasterketera joan eta 55 urteko bi emakume ikusi nituen korrika, eta podiumera igo ziren, haien mailako saria jasotzera. Poztu egiten naute horrelakoek. Sarietan ere bada zer aldatu, gizonezkoenak handiagoak direlako dirutan. Ez al dugu emakumezkoek ahalegin bera egiten? Lortu izan dut sari batzuk berdintzea ere, eta ni pozik. Kirola tresna baliagarria da berdintasunaren bideak pausoak emateko? Bai. Emakume asko batu dira kirolera beste emakume batzuk ikusi gaituztelako kirola egiten. Liburuko argazkian korrika azaltzen naiz, baina argitaletxekoek esan zidaten zergatik ez genuen jartzen beste argazki bat, propio ateratakoa libururako. Esan nien ez nuela nahi nire argazki on bat, korrika ateratzea nahi nuela, beste emakumeek ere ikus dezaten zeinen ongi eta pozik ibiltzen naizen korrika. Emakume askok deitu izan didate korrika hasi direla eta berdin zaiela itxurarena. Badira hainbat emakume lotsatzen direnak galtza estuekin korrika egiten, eta horregatik ez dira joaten. Eta ez da hori. Bakoitza den bezalakoa da, eta lotsarik gabe egin behar dugu, eta gero, saria izaten du korrika ibiltzeak, emaitzak izan edo bestelakoak izan. Indartu egiten du beste gauza batzuk egin ahal izateko, eta berdindu egiten gaitu korrikalari guztiak: denok gara berdinak. Zuk esandakoa da hau: “Korrika egiteak neure buruari aurre egiteko balio dit”. Gauza handia da hori, eta korrika egiteak ematen dit. Gustatzen zait lasterketetan aurkariei begiratzea, beteranoen mailan zein dabilen eta zein ez, baina ez da lehiakorra naizelako. Gustatzen zait ondo ibiltzea, baina batez ere neure buruaren aurrean jartzeko balio dit, azkenean nik neuretzat dudan tarte bakarra delako korrika egiteko hartzen dudana. Nire oinetakoak eta nire kilometroak, eta burua lanean: “Gai izango naiz gaur pixka bat gehiago egiteko? “. Nire buruaren aurrean jartzen nau, eta bizitzako beste hainbat egoerari aurre egiteko tresnak ematen dizkit korrika aritzeak. Irratiko saioa egiteko ere lagungarria zait, argitu egiten nau. Energia ematen dit. Goizean goiz egiten dut korrika, eta egun osorako energia ematen dit. Irratiko lankideek esaten didate nola edukitzen dudan hainbeste energia korrika egin eta gero. Erantzuten diet ez banu korrika egingo ez nuela energiarik edukiko. Goizean goiz joaten omen zara korrika egitera. Bai. 06:00ak aldera ateratzen naiz egunero, Getxon eta inguruetan, han bizi naizelako. Sekulako kilometro pila egin daitezke. Saharako basamortuan ere nahi beste aukera dago, ezta? Bai. Bitan egin dut Saharako Maratoia. Iaz aurreneko aldiz joan, eta hirugarren egin nuen. Asko gustatzen zait lasterketa hori, gogorra izan arren, askatasun handia ematen duelako erlojuari begiratu gabe korrika egiteko. Gero, elkartasun alderdia ere badu, 42 urtez basamortuan daudelako sahararrak. Aurten berriz joan naiz, baina hiru aste lehenago pneumonia harrapatu eta porru eginda utzi ninduen. Osatu nintzen, baina medikuak esan zidan maratoia egiteko ez nengoela. Hamar kilometrokoa egin nuen. Zer lasterketa ari zara prestatzen orain? Behobia-Donostiaz aparte, Berlingo maratoia ari naiz prestatzen. Orain da, irailaren 16an, eta gogorra ari zait egiten. Oporretan egon naiz, bero handia egiten duen leku batean, eta 05.30erako ateratzen nintzen entrenatzera, pare bat ordu geroago sekulako beroa egiten duelako. Sakrifizio handia da, eta pentsatzen dut hain goiz ibili beharrak saria ekarriko didala, eta ez naiz ari emaitzekin loturiko sariaz. Gernika-Bilbo lasterketa bultzatzen ere banabil, eta lortzen dugun Bizkaiko Behobia-Donostia izatea, asko eskatzea izan badaiteke ere. Zer elkartasun proiektutan zabiltza orain? WOP Fundazioarekin nabil, egitasmo batean, eta irailean egingo dugu Bilboko Gran Vian. 400 metrotik 400 metrora txandaka korrika eginez, maratoiko marka egin nahi dugu. Biltzen den dirua buruko gaitz degeneratiboen ikerketarako izango da, eta dena antolatzea lan handia da. Behar ditugu 400 metroak 70 segundoan egiten dituzten gizonezkoak, eta emakumezkoak 77 segundoan egiten dituztenak. Errekorra egin nahi dugu. reto@wopmail.org. 106 mutil eta 106 neska behar ditugu. Beste egitasmoren bat ere badut esku artean, baina oraindik ezin dut esan non egingo dugun korrika. Baina errefuxiatuei laguntzeko bilduko dugu dirua. Zergatik aritzen zara elkartasun proiektuetan? Poza ematen didalako. Lan handia da, dirua eskatzen ibili behar dudalako egunero, baina lortzean, diru hori ematea behar duenari oso pozgarria da. Lortzen badugu bi laguni ikerketa bat egiteko aukera ordaintzea, ikerketetako dirua eskasian den garaiotan, pentsa zer den hori. Korrika egiten dut, gozatu, eta gainera, jendeari laguntzen diot. Korrika egitearen jendearen beharrei laguntzea, jendearen borrokak babestea, gaixo dauden horiekin horiekin denekin bat egitea gauza handia da. Aurreneko aldiz Behobia-Donostia egin nuenean, eskatu zidaten 2.000 euro biltzeko gaixotasun berezi bat duten gaixoei laguntzeko, eta lortu genituen. Irratian aritzeak ere laguntzen dit horretan. Bozieniko arraunkadak Cristina Tacu arraunlaria Hondarribiako traineruan dabil, iaz Hibaikarekin lan egin ostean. Hamabi urte igaro dira Moldaviatik joan zenetik, eta azken lau urteetan ez da bueltatu jaio zen lurraldera. Arrauna kasualitatez ezagutu zuen eskolako kultura astean parte hartu zuenean . Ergometroaren makina gustatu, eta jada hamar urte baino gehiago daramatza tosta artean. Moldaviara itzuli eta amonari azaltzen dionean zer egiten duen, amonak ez dio tutik ere ulertzen. Amari ere antzera gertatu zitzaion alaba uretara traineruan sartu zen lehendabiziko aldietan, baina urteen poderioz, eta alabaren gogoak ikusita, gustu onez onartzen du orain. Hondarribitik Bozienira (Moldavia), kotxez, 34 ordu baino gehiago daude. Egun eta ia erdi gidatu beharko litzateke ia gelditu gabe, baina bidaia bi edo hiru egun luzatzen da, beharrezkoak diren geldialdiak eginez. Euskal Herritik abiatu ostean, Frantzia, Italia, Eslovenia, Hungaria eta Errumania zeharkatu behar dira, Moldaviara iristeko. Europaren zati handi bat bisitatzeko aukera emango luke bidaia horrek. Konparaziora, 2018ko Frantziako Tourrean, denera, 3.329 kilometro egingo dituzte txirrindulariek 21 etapan banatuta, eta Hondarribitik Bozienira ia beste horrenbeste dago; 3.205 kilometro, zehatz esanda. Bilbotik edo Miarritzetik Moldaviako hiriburura, Chisinaura, hegazkin bat hartzeko aukera ere badago, Europako beste aireportu batzuetan eskala bat edo bi egitea axola ez bazaizu. Bidaia oso luzea bada ere, Cristina Tacuren aitak azken 11 urteak daramatza abuztuan bidaia hori egiten. Lantegian ematen dizkioten hilabeteko oporrak baliatzen ditu emaztearekin Moldaviara bueltatu eta familia bisitatzeko. Gainera, familia Astilleron (Kantabria, Espainia) bizi dela kontuan hartuta, beste 210 kilometro edo 2 ordu eta erdiko bidaia zatia gehitu behar diogu Europan zehar egiten den zeharkaldira. Aspaldi ez da Moldaviara bueltatzen Cristina Tacu, Hondarribiko arraunlaria. Denbora gehiago darama jaioterritik kanpo bertan baino. “Gurasoak kotxez joaten dira haraino, baina niri bidaia oso luzea egiten zait. Lau urte daramatzat bueltatu gabe”. Hamaika urterekin hegazkin bat hartu eta agur esan zion Moldaviari, eta orain 23 urte dauzka. Bizitzaren erdia eman du leku batean, eta bestea handik kanpo. “Aitari eta amari esaten diet hegazkina hartu dezatela Moldaviara bueltatzeko”. Baina aitaren erantzuna beti berdina izaten omen da: “Erotuta zaude? Hegazkinez joan eta gero zer egingo dut nik han hilabete oso bat kotxerik gabe. Ez ez, nahiago dut gidatu eta gero kotxean nahi dudanerako han izan”. Hasieran, baina, hegazkinez bueltatzen zen Tacuren aita sorterrira. Moldavian bizi zenean, Europa osoan ardoa saltzen zuen upategi batentzat lan egiten zuen. Pixkanaka, enpresako emaitzak okerragoak izaten hasi ziren, lan gutxiago zegoen, eta lana uztea erabaki zuen. Egoera horri konponbidea emateko asmoz, atzerrian lana bilatzen hasi zen, eta Astilleroko lantegi batean aukera eman zioten. Emaztea, Cristina eta Alexandru seme alabak han utzi behar izan zituen. “Oso ongi bizi ginen Moldavian. Aitak lana utzi zuen, ez zuen lana galdu”. Bi urte banatuta eman zituen familiak. “Telefono bidez komunikatzen ginen, astean behin edo birritan hitz egiten genuen aitarekin, asko jota. Orain errazagoa izango litzateke teknologiei esker, Skype bidez ikusi ere egingo ginateke, baina garai hartan horrelakorik ez zegoen”. Hamaika hilabetez telefonoz harremana mantendu ostean, abuztuan, hilabete osoa izaten zuten elkarrekin egoteko, aita etxera oporretan bueltatzen zenean. Egoera harekin amak bukatu zuela gogoratu du Tacuk: “Amak esan zuen ezin genuela bananduta jarraitu. Denok batera, han edo hemen. Bera ere lanean zebilen, baina ezin genuen horrela jarraitu. Eta denok batera egoteko joan ginen Astillerora”. 2007ko otsailaren 20an iritsi zen Tacu familiaren bigarren zatia Madrilera: “Ez zait ahaztuko, nire urtebetetzea baino bi egun lehenago iritsi ginen”. Negua izaki, hotz handia espero zuten, baina ez zen hala izan: “Moldavian hotz handia egiten du neguan, eta elurteak ere izaten ditugu. Gu negurako arropa potoloekin etorri ginen, eta Madrilen sekulako beroa pasatu genuen [barrezka]”. Egokitzeko, denbora behar Ez ziren errazak izan lehendabiziko egun eta hilabeteak sorterria utzi zuten ama eta bi gazteentzat. Kultura ezberdina, komunikatzeko zailtasunak, eta ingurua ezagutzea oztopo izan ziren hasiera haietan. “Astillero txikia zen arren, beldurra ematen zigun kalera ateratzeak. Galduko ginela uste genuen anaiak eta biok. Orain, hori gogoratzen dugunean, barrezka hasten gara”. Bere bizileku berrira iritsi ostean, aste batzuk behar izan zituzten eskolan hasteko. Luze egiten zitzaizkien egunak Alexandru eta Cristina Tacu anai-arrebei, etxean sartuta, inor ezagutu gabe, eta telebistako hizkuntza ulertu gabe: “Aitak, batzuetan, erosketak egitera bidaltzen gintuen”. “Egia esan, aldaketa gogorra izan zen. Familia, lagunak, bizi on bat atzean utzi eta zerotik hastea inoiz ez da erraza”, esan du Tacuk memoria egin ostean. Martxoan hasi ziren eskolan, eta lehendabiziko egunak ere ez ziren errazak izan: “Gaztelaniaz gutxi ulertzen nuen, eta nire gelako atzerritar bakarra nintzen. Ongi tratatzen ninduten klasekideek, baina komunikatzea zaila zen. Nire anaiarentzat errazagoa izan zen; bere klasean mutil errusiar bat zegoen, eta guk errusiera menperatzen dugunez, harekin, behintzat, hitz egiten zuen”. Lehendabiziko hilabeteak gainditu ostean, berehala hartu zion bizitza berriari erritmoa Tacu familiak. Amak ere lana aurkitu zuen jatetxe bateko sukaldean garbiketa lanak egiten, eta Alexandru eta Cristina pixkanaka gaztelera ikasten hasi ziren: “Eskolako zuzendariordeari eskertu behar diot. Eskolaz kanpoko hizkuntza klaseak ematez gain, klasean ere nik parte hartzea nahi zuen. Uda ostean, ikasturtea irailean hasi genuenean, gauzak erabat bestelakoak izan ziren”. Bizitza berri bat Hein batean bada ere, arraunari ere eskertu behar dio integrazio hori. Jende askorekin harreman berria sortzeko aukera eman zion. Kultur aste hartan ergometroarekin maitemindu ostean, eskolako arduradunak esan zion ea zergatik entrenamenduetara ez zen joaten. Eta Cristina animatu egin zen. Moldavian ez zuen kirolik egiten. Bi urte zaharragoa den anaiak judoa egiten zuen sorterrian, eta Astilleron ere hasi zen judoarekin. Baina arrebak bezalaxe, arraunean bukatu zuen. Astilleron urte mordoa eman ostean, 2013an Santoñan ibili zen, eta hurrengo urtean, Meiran. 2015ean Astillerora bueltatu ostean, Hibaikarekin sinatu zuen 2017an, eta aurten Hondarribiarekin Euskotren ligan lehiatzen dabil. “Hasieran eromena izan zen. Euskaraz aritzen ziren arraunlariak, eta nik ez nuen deus ulertzen [barrezka]. Kontuz, kontuz, esaten zidaten eta nik ez nekien zer egin edo zer esaten zidaten. Orain, grazia egiten dit egoera hark. Pixkanaka ulertzen hasi nintzen, eta taldekideen laguntzari esker berehala egokitu nintzen. Astillero eta Hondarribia artean nago, eta Camargoko neska eta mutiko gazteak ere entrenatzen ditut”. Pozik dago Hondarribiko tosta artean Bozieniko arraunlaria, baina kilometro asko egiten ditu gidatzen. Oraindik ez, 23 urte baino ez dituelako, baina aurrerago, horrek sortzen duen nekeak eragina izan dezake ibilbidean pauso bat eman edo ez ematerako orduan. “Alde horretatik, uda da zatirik gogorrena. Denboraldian bete-betean sartuta gaudenean, askotan etorri behar da entrenatu edo lehiatzera. Neguan gutxiago etortzen naiz, nire kabuz asko entrenatzen dut, baina saiatzen naiz ahal dudan guztietan traineruan ibiltzen. Lanarekin ere uztartu behar dut, eta ez da erraza”. Astilleroko harrobian hasi zenean, arraunean aritzen ziren atzerritarrak ez ziren asko beheko mailetan: “Hala ere, ez zen oso arraroa moldaviar bat arraunean aritzea. Goiko mailetan, TKE ligan eta abar, bazeuden errumaniarrak edo beste jatorri batzuetako arraunlariak. Jendeari ez zitzaion arrotza egiten ni han ikustea. Pixkanaka nire zaletasuna handitzen joan zen, nire gorputzari gehiago eskatu diot urteak aurrera joan ahala, eta oraindik bidea daukat egiteko”. Moldaviara bueltatu izan denean bertako familiari, eta batik bat, amonari azaldu izan dio zer den arrauna: “Amonari argazkiak erakutsi eta zer egiten nuen azaldu nion, eta berak esan zidan oso polita zela. Baina benetan ez du ulertzen zer den, zer dagoen kirol horren atzean. Han ez dago antzekorik”. Gurasoek, ordea, gehiago ulertzen dute goi mailan ari diren Alexandru eta Cristinak, arraunean ari direnetik, egiten duten esfortzua. “Amak hasieran esaten zigun denbora gehiago pasatzen genuela arraun eskolan etxean baino”. Negu latzean amak arraunari buruz esandakoak areagotu egiten zirela, eta direla, dio Tacuk: “Batzuetan eskatzen dit arrauna uzteko. Beste batzuetan galdetzen dit: “Zergatik gustatzen zaizu? Gorputza txiki-txiki egiten ari zara, Cristina”. Baina Cristinak ez dio amari jaramonik egiten. Kazkabarra edo eguraldi txarra egiten duen entrenamendu egunetan ere larritu egiten da ama: “Urera sartu zarete gaur? Erotuta zaudete”. Ohitzen ikasi du, azkenean. Moldavian dira orain Tacuren gurasoak. Aita omen da familiako lau kideen artean sorterria gehien faltan botatzen duena: “Noizbait galdetzen diot ea Moldaviari bizitzera bueltatu nahi duen, eta berak baietz erantzuten dit. Zaharragoa denean bizitzera bueltatuko dela dio, baina nik esaten diot ez dezala bere burua engainatu. Hori erantzuten didanean esaten diot ni hemen geratuko naizela, eta ea urtean hilabete batez ni ikustearekin nahikoa izango zuen[barrezka]. Anaiari ere batzuetan sartzen zaio aitaren antzeko sentimendu hori”. Bizitza berri bat du Tacuk, eta ez du aldatu nahi. Hala ere, ez du bere iragana ahazten: “Galdetzen didatenean harro esaten dut moldaviarra naizela. Txisteak ere egiten ditut nire bizitzarekin. Etorkina naizela esaten diet nire lagunei”. Gurasoak kotxean bueltatzen diren bitartean berak ez dauka Moldaviara itzultzeko asmorik. Hegazkinez, agian bai. Arraunean, agian, animatuko zatekeen. Kontatzeko bidaia izango zen. Apaizac obeto itsas espedizio mitikoan Jon Maia bertsolariak egin bezala, arraunean aritu eta kronista lanak egingo zituen pertsona bilatzea da gakoa. “Euskal herritarra sentitzen naiz, eta frantziarra ere banaiz” Iñaki Berastegi Hemezortzi urterekin jaioterria utzi eta Angelura (Lapurdi) joan zen bakarrik bizitzera Pauline Ado (Hendaia, 1991), surf profesionalaren munduan erabat murgiltzeko asmoz. Tokyo 2020ko Olinpiar Jokoak buruan dituela, World Sur Leaguera, Surf profesionaleko maila gorenera, itzultzea da bere helburu nagusia: “Momentuz, garrantzitsuagoa da Munduko txapelduna izatea Olinpiar Jokoetan urrea irabaztea baino. Hala ere, bi urte barru agian nire erantzuna aldatuko dut”. Denboraldiaren bigarren zatian sartuta, oraindik QS ligako puntu asko falta zaizkio Adori, baina itxaropentsu dago Mexikon eta Hego Afrikan egingo diren txapelketen prestaketan buru belarri jarrita dagoenean. Nolakoa da zure bizitza hemen, Angelun, surflari profesional bezala? Surfa egin eta entrenatu, entrenatu eta surfa egin [barrezka]. Hemen bizitzea maite dut, gozatu egiten dut hemengo bizimoduarekin. Mutil lagunarekin bizi naiz. Surfean aritzeko hondartza bikaina daukat, mendiak ere gertu ditugu, eta familia ere hortxe bertan daukat. Ez da hiri handi bat, baina behar ditudan gauza guztiak aurkitu ditzaket, eta horrek eguneroko errutina maitatzera narama. Bizitzeko leku lasaia da. Hendaian jaio zinen, eta Angelura etorri zinen bizitzera, bakarrik, 18 urte zenituenean. Aldaketa hura zaila izan zen zuretzat? Eraginik izan zuen hasi berri zenuen ibilbide profesionalean? Aldaketa bat izan zen, baina benetan egin nahi nuen zerbait zen. Betidanik oso independientea izan naiz, eta nire bizitza propioa eraikitzen hasteko gogoa nuen, gauzak nire kabuz egiteko, eta pertsona heldu bat bezala bizitzeko. Dena den, Hendaia oso gertu dago eta familia oraindik ere han daukat. Aldaketa hark ez zuen inolako eraginik izan nire ibilbidean. Zortzi urterekin hasi zinen surfa egiten, eta surflari asko bezala, oso gazte zinela jada, txapelketa garrantzitsuak lehiatzen ari zinen. Txikia nintzenean kirol guztiak gustatzen zitzaizkidan: futbolean aritu nintzen, tenisean eta esku pilotan ere jolasten nuen eskolan. Uretan ere aritzen nintzen bodyboard-arekin, baina oraindik ez nuen surfa probatu. Uda batean, nire lagun asko surfean hasi ziren, eta gurasoek baiezkoa eman ondoren, ni ere animatu nintzen. Urtebete geroago, surf eskolako irakasleak aholkatu zidan txapelketetan lehiatzen hastea, baina niri hasieran ez zitzaidan asko gustatzen lehiaketa. Gainera, denbora mugatu bat duzu olatu onak harrapatzeko, eta ni baldintza horrekin deseroso nengoen. Oso gogorra zen niretzat, eta gainera emaitzak ere ez ziren onak, baina parte hartzen jarraitu nuen. Parte hartzen jarraitu ondoren, emaitza hobeak iritsi ziren, eta lehiatzea gustatzen hasi zitzaizun? Hobetzen joan nintzen, eta urtebete geroago, hamar urterekin, lehiaketa txiki bat baina niretzako izugarria zena irabazi nuen. Ezin nuen sinetsi. Urte hartan, Ripcurl marka nirekin harremanetan jarri zen, nire babesle izan nahi zuelako, eta surfean aritzeko materiala ematen zidan. Beste garaipen batzuk ere lortu nituen, eta babeslea lortu izanak motibazio handia eman zidan. Lehendabiziko garaipen hura eta Ripcurl-ek nire atea jotzea erabakigarria izan zen. Angelun, Hossegor-en, Zarautzen eta hemendik gertu izaten nituen lehendabiziko lehiaketak. Nire gurasoek ez zekiten ezer surfari buruz, baina beti nirekin etortzen ziren. Ez zidaten bultzatzen surfean gehiago saiatzera, agian kontrako eragina izan zezakeelakoan. Nire lekua ematen zidaten, eta hankak lurrean edukiarazten zizkidaten. Zaila izan zen hamar urterekin lortzen hasi zinen arrakasta hura kudeatzen jakitea? Ez, egia esan. Dena oso motel garatzen hasi zen, pixkanaka-pixkanaka pausoak eman nituen. Garai haietan ongi pasatu nahi nuen soilik, baina nire gurasoen laguntza oso garrantzitsua izan zen. Egiten nuen guztian nire onena emateko aholkatzen zidaten, baina umila izaten jarraituz. Nire onena ematen saiatzen nintzen, egiten nuen guztian onena izan nahi nuen, baina harrokeriarik gabe. Hori lortzeko nire gurasoen aholkuak izan nituen. Hobetzen hasi zinenean, maila altuagoko lehiaketetan parte hartzen hasi zinen, eta urrutiago bidaiatu behar zenuen. Eskolarekin uztartzeko lanak izango zenituen, ezta? Hamahiru urterekin asko bidaiatzen hasi nintzen. Batetik, lehiaketetan parte hartzeko, eta, bestetik, Ripcurl-ek nik munduko surflari onenetatik ikastea nahi zuelako; Australia, Hawaii eta beste hainbat herrialdetan izan nintzen. Eskola egun askotara huts egin nuen, baina nire gurasoekin akordio batera iritsi nintzen: nahi nuen guztia bidaiatzen utziko zidaten, bueltatzen nintzenean eskolan gauzak ongi joatearen trukean. Bidaiatzea eta surfean aritzea nire helburu nagusia zenez, aukera hura ez galtzeko, saiatu egin nintzen eskolako lana ongi egiten. Lehendabiziko txapelketa hura eta Ripcurl markaren babesa erabakigarria izan ziren arren, 2004an lortu zenuen Europako Junior txapelketa ere mugarria izan zen. Noski, baina baita ere urte hartan lehendabiziko aldiz Frantziako junior selekzioko deialdian sartzea, Munduko junior txapelketa lehiatzeko. Tahitira joan ginen, eta munduko junior onenak han zeuden: australiarrak, hawaiiarrak, brasildarrak... Hamazazpi edo hemezortzi urte zituzten, eta nik hamahiru urte nituen. Hala ere, nire barrurako prentsatzen nuen: urte batzuen buruan ni hemen egon naiteke, eta hauen mailan aritu naiteke. Urte hartan benetan sentitu nuen bidea egin nezakeela surfean, ona izan nintekeela. Nire gurasoak ere jabetu ziren, baina oraindik surfetik bizi ziren oso emakume gutxi zeuden Frantzian, eta ez genekien benetan aukerarik bazegoen horretatik bizitzeko etorkizunean. Junior mailan ongi egiten banuen QS zirkuituan aritzeko aukera izango nuela pentsatzen nuen. Pentsatzen nuen guztia bete zenez, 18 urterekin, surfetik osotasunean bizitzea oso erabaki erraza izan zen. Tahitin buruan zenuena Australian lortu zenuen, bost urte geroago, 2009an. Australiarra ez den lehendabiziko Munduko Junior txapelduna izan zinen, Sydneyn. Bethany Hamiltoni irabazi zenion finala, eta beti esan izan duzu munduan gehien eragiten dizun pertsona Hamilton bera izan dela. Bethanyk ezker besoa galdu zuen hamahiru urterekin, marrazo batek eraso egin zionean. Hasteko, surfean bikain aritzen da. Berarekin bidaia bat egiteko aukera izan nuen, oso gertutik ezagutu nuen, eta harritzen zaitu bere izateko moduak. Bizitza normal bat darama, bere kabuz egiten du dena, eta ez du biktimaren papera hartzen, inoiz. Oso indartsua da arlo guztietan. Asko inspiratzen nau, baina jende askorengan eragiten du hori. Garaipen hura handia izan zen niretzat. Eta hurrengo pausua QS zirkuituan hastea izan zen. Juniorra nintzenean aukera izan nuen QSko lehiaketa batzuetan parte hartzeko. Baina zirkuituan hasieratik aritu nintzen lehendabiziko urtea espero nuena baino gogorragoa izan zen. Gauzak ondo egin nahi nituen, eta ahalegin horretan, presio gehiegi sartu nion nire buruari. Gauzak ondo egiteko eta lehendabiziko emaitza onak lortzeko, denbora dezente behar izan nuen. Juniorra nintzenean jendeak ez zuen espero ni iritsi naizen lekura iristea, eta horri buelta emateko motibazio handia neukan. Oker zeudela erakutsi nahi nien, eta hortik dator nire buruari presio gehiegi sartzeko arrazoi nagusia. Aitortu duzun presio horrekin posible da uretan sartzen zarenean lehiaketaz eta egiten ari zaren saioaz gozatzea? Txapelketetan beti daude presioa sumatzen duzun uneak. Presio apur bat sentitzea ez da txarra, zailtasunei aurre egitera bultzatzen zaitu. Presioa nabaritzen baduzu, eta hala ere surfean ondo aritu eta txapelketa irabazten baduzu, garaipenak zapore gozoagoa uzten dizu. Noski gozatzen dela uretan nahiz eta presioa sufritu, momentu ezberdinak dira, eta guztiak gustatzen zaizkigu. QS zirkuituko lehendabiziko hura, azkenean, zein aho zaporerekin amaitu zenuen? Denboraldiko lehendabiziko zatian emaitza txarrak lortu nituen, eta etsita sentitzen nintzen. Gogor entrenatzen nuen arren, emaitzak ez ziren iristen. Momentu batean ‘klik’ bat izan nuen buruan, gauzak lasaiago hartzen hasi nintzen eta lehendabiziko emaitzak iritsi ziren. Egia esan, ez nuen errutina asko aldatu, baina denboraldiaren bigarren zatian hobeto aritu nintzen. Surfa egiteko nire moduan zentratu nintzen, nola hobetu, zer gehiago egin nezakeen ikusi, puntuetan eta kanporaketekin itsutu beharrean. Urte eta erdi QSn aritu ostean, WSL-era, surf profesionaleko gorengo mailara iritsi zinen, 2011n. Lau urtez jarraian munduko onenen artean izan zinen, 2015ean maila galdu zenuen arte. World Surf Leaguen aritu nintzen azken urtean lehiaketa eta bidaia asko egin nituen, eta ez nuen jada gozatzen egiten ari nintzenarekin. Denboraldiaren erdian konturatu nintzen motibazio eta gogo asko galdu nituela, eta nire buruari galdetu nion ea benetan hau egiten jarraitu nahi nuen. Maila galdu ostean, aste batzuk surfik egin gabe egon nintzen, atsedena hartuz, eta zer egin nahi nuen pentsatzeko denbora hartu nuen. Jabetu nintzen nik daramadan bizimodua opari bat dela, eta egiten nuena beste begi batzuetatik begiratu behar nuela aurrerantzean. Eta horrela motibazioa berreskuratu nuen. Aldaketa horretan, erabakigarria izan zen entrenatzaile batekin eta ‘coach’ batekin lanean hastea? Konturatu nintzen nire inguruan laguntza ematen zidaten jende gutxi neukala. Nire lagunen eta familiaren babesa neukan, nola ez, baina horrekin ez zen nahikoa. Ez nuen entrenatzaile bat, nire kabuz aritzen nintzen. Jabetu nintzen hori behar nuela, eta Stephanie Sagaspe coach-arekin ere lanean hasi nintzen. Ariketa mentalak egiten nituen Stephanirekin, zer nahi nuen, gauzak nola egin nahi nituen, eta meditatzen ere hasi nintzen. Oso garrantzitsua izan zen niretzat. Eta badirudi lan horrek bere fruituak eman zituela, 2017an berriz ere gorengo mailara iristea lortu zenuelako. Urtero gogorragoa da WSL ligara igo eta bertan aritzea, Europan maila ere gora doa, eta niretzat garaipen handi bat izan zen berriz ere gorengo mailara igotzea. Oso zentratuta nengoen WSL ligara igotzearekin, beste gauzarik ez nuen buruan; apur bat obsesionatuta ere banengoela aitortzen dut. WSL-ra igotzeko energia asko gastatu nuen, eta 2017 denboraldiko lehenengo zatian nabaritu nuen egindako esfortzua. Ez dakit zergatik, baina bigarren zatiak beti hobeto egiten ditut [barrezka]. QSra jaitsi nintzen berriro ere, gogorra izan zen, baina ez 2014an adina. Beste era batera ikusi nuen jaitsiera hura. “Jaitsi egin naiz, eta hobetzen jarraitu behar dut”, pentsatu nuen. Hobeto inguratu nago orain, eta nire mutil laguna ere beti laguntzeko prest dut. Ez da surflari profesionala, baina surfean aritzen da, niretzat onena nahi du, eta aholku onak ematen dizkit. Gainontzeko surflariekin duzun harremana, orokorrean, nolakoa da? Harremana oso ona da, baina gero uretan gaudenean ez du inork hitz egiten , ez pentsa [barrezka]. Kanpoan denbora asko pasatzen dugu, entrenatu, bidaiatu ere batera egiten dugu askotan. Horrek harremanak estutzen ditu. Entrenamenduetaz ari zarela, jendeak surfean pentsatzen duenean askotan uda etorri ohi zaio burura, baina neguan lan gogorra egiten duzue. Bai, egia da jendeak surfa udarekin lotzen duela, erabat ados [barrezka]. Tortura bat da neguan lan egitea. Uraren tenperatura hamabi gradutik behera doanean, botak, traje bereziak edo txapelak janzten ditugu, eta hala ere ezpainak-eta moreak dituala ateratzen naiz uretatik. Oso hotza egoten da ura. Ez da urteko garairik onena ez. Neguan ordubete edo ordu eta erdi entrenatzen dut , eta udan bi orduko bi saio egin ohi ditut egunero. Neguan egunero uretan behin sartzen naiz, eta udan normalean goizean eta arratsaldean. Horri gimnasioko orduak gehitu behar zaizkio, eta beste hainbat kirol ere egiten ditut prestaketaren barruan. Prestaketaren beste alderdi bat: elikadura eta ohitura osasungarriak. Oso zorrotza omen zara alderdi horretan, eta horrekin zerikusia duen babesle bat ere baduzu. Ezinbestekoa da nire gorputza ongi zaintzea, bestela gero asko nabaritzen dudalako entrenamenduetan eta lehiaketetan. Zaintzen ez banaiz, ezin dut nire maila onena eman. Txikitatik onena izan nahi nuen egiten nuen gauza guztietan, eta onena izaten laguntzen zidaten alor guztiak kontrolatzen saiatzen nintzen. Yoga eta meditazioa ere niretzat prestaketako parte garrantzitsu bat dira. Bereziki, jaten dudana asko zaintzen dut. Osasuntsua ez den janaria jaten badut, bi edo hiru egunetan gaizki sentitzen naiz. Surflari profesional baten bizitzak olatu asko ditu, baina baita ere bidaia luzeak eta hegazkinean egindako ehunka ordu. Hainbeste urte profesionaletan aritu ondoren, bidaiatzea gustatzen zaizu ala hasi zinenean baino gogorragoa egiten zaizu? Bidaiatze asko gustatzen zait, baina gorroto ditut hegazkinak eta aireportuak [barrezka]. Asko nekatzen zara bidaietan. Etxean egotea gustuko dut. Asko bidaiatzen dudanean pentsatzen dut zer gustura egongo nintzatekeen etxean, baina etxean egonaldi luzeak egiten ditudanean bidaiatzeko irrikan egoten naiz. Puntu asko ematen dituzten lehiaketetan aritzeko bidaiatu egin behar da, baina Europako zirkuitua irabaztea ere buruan daukat. Nire helburu nagusia WSLra bueltatzea da, baina Europako txapelduna izateak ere ilusioa egiten dit. Eta horrez gain, Tokyo 2020 ere buruan daukat, lehenengo aldiz surfa olinpiar kirola izango delako. Zer behar duzu Tokyo 2020rako sailkatzeko? Bi modu daude: WSL-ko rankingean postu on batean egonda, edo ISA Nazioarteko Surf Asoziazioko lehiaketetan emaitza onak lortuta. Ez dakit zer espero dezakegun horrelako lehiaketa batetik, baina nik uste dut momentuz garrantzitsuagoa dela munduko txapelduna izatea Tokyo 2020n urrea lortzea baino. Olinpiar Jokoak lau urtez behin dira, eta munduko txapelketa urtero da, eta urte guztian zehar egindako lana kontuan hartzen da, jarraitutasuna, egunero olatu onak hartzea. Olinpiar Jokoetan, berriz, momentu zehatz batean ondo egotea da garrantzitsuena. Erantzun hau orain ematen dizut, baina agian bi urte barru aldatu egingo dut. Surflarien ibilbide profesionala ez da luzea, eta zuk aitortu duzu jada hasi zarela apur bat pentsatzen erretretan, zeharka bada ere. Noizbait pentsatu izan dut, bai. Tokyo 2020k perspektiba apur bat ematen dit. 2020an 29 urte izango ditut, eta orduan erabakiko dut. Argi daukadana da, era batera edo bestera, surf munduko belaunaldi berriekin lan egin nahi dudala behin zirkuitu profesionala utzitakoan. Egun, erretiroa hartuko banu, surfarekin lotuta dagoen zerbaitetan lan egingo dudala argi dut, baina aukerak momentu egokian hartzen ez badituzu, batzuetan ihes egiten dute. Erretiroa hartzen dudanean auskalo zertan hasiko naizen, baina garrantzitsuena uzteko momentua ondo aukeratzea da. Erretiroa hartzerako orduan bi faktore egon daitezke: motibazioa galtzea edo maila ez ematea. Momentuz, ez dut ez bata ez bestea nabaritzen. Ibilbide arrakastatsua daramazu surfean, baina genero berdintasunaren alde egin zenuen bideo batek ere sekulako arrakasta lortu zuen. Ez nuen espero, egia esan. Surfaren munduan, berdintasunaren alde borroka gehien egiten duenetako bat naizela uste dut. Ez dut nahi jendeak pentsatzea bikini modelo bat naizela soiik. Ematen du emakume kirolariak onak izan behar dugula, ondo hitz egin, politak izan behar garela eta argazkietan ondo atera behar dugula. Ez dut uste babesleek negatiboki eragiten dutenik, eurek bikiniak saldu behar dituzte, eta horretarako surflarien argazkiak behar dituzte, logikoa den moduan. Arazoa da jendeak argazki horiek nola ulertzen dituen, eta sare sozialek ere kulparen zati bat dutela uste dut. Surflari emakume gehienok lan egiten dugu berdintasunaren alde, nahiz eta badauden gutxi batzuk beste bide batetik doazenak. Emakume atletikoak eta politak izan gaitezke aldi berean, surflari onak izan gaitezke, eta argazki onak ateratzen badizkigute ez dago arazorik. Sektore edo multzo batek duen pentsamendua da arazoa, ez da geurea, eta hori sare sozialetan asko ikusten da. Zeharka aipatu ditugu babesleak, baina ez gara surflari baten arlo ekonomikoa aztertzen hasi. Nolakoa da zure bizitza alderdi horretan? Surflariok normalean bi diru iturri izaten ditugu: txapelketetan banatzen diren sariak, eta babesleak ematen diguna, erregularragoa dena. Gorengo mailetan lehitzeko, QSn edo WSL-en, atzetik babesle edo marka handiak izatea behar beharrezkoa da. Bidaiak, hotelak eta beste gastu asko ditugu zirkuituan aritzen garenok, eta babesleek dirua jartzen ez badute ezinezkoa da, norberak ordaintzen dituelako gastu horiek guztiak. Babesle dezente ditut, eta oso pozik nago ditudan babesleekin. Babesleak lortzeko lan egiten duen pertsona bat baldin badut ere, noizbehinka nik ere nire kabuz lan hori egiten dut. Zatirik gogorrena hori izan daiteke, surflari ona izatea eta gero, gainera, negozioetan ere aritu behar izatea [barrezka]. Marketinak nola funtzionatzen duen ikasten hasi naiz. Frantziako selekzioarekin aritu zara, baina euskalduna ere bazara. Euskaldun askori galdetzen badiozu euskal herritarra edo espainola den, bata edo bestea erantzungo dizute. Niri galdetzen badidazu, euskal herritarra sentitzen naiz, eta frantziarra ere banaiz. Euskal Herria ez den beste leku batean ez nintzateke biziko. Denboraldiaren erdian gaudela, lana asko gelditzen zaizu oraindik egiteko, eta puntu asko behar dituzu berriro ere WSL-ra igotzeko. Urte hasiera ez da oso ona izan. Martinikan eta Zarautzen ondo aritu naiz, baina Australian egin nituen bi lehiaketekin ez nago konforme. Hurrengo hilabeteetan lehiaketa garrantzitsuak ditut Mexikon eta Hego Afrikan. WSLra igotzeko, garaipen handi bat eta bi erdi mailakoetan ondo aritzea behar dut, edo bi txapelketa handitan oso ondo aritzea, 6.000 eta 3.000 puntuko lehiaketetan maila ona eman behar dut. Oso polita izan zen Zarautz bigarrengoz irabaztea, baina puntu aldetik, irabazita ere ez dira asko. Etendako ibilbidea berreskuratzen Gizonezkoen lau eta erdiko txapelketaren garai berean jokatu da lau eta erdiko Emakumeen Master Cup-a. 2017ko martxoan antolatutako binakako txapelketaren arrakastari jarraiki, bi kategoriatan banatuta lehiatu dira 68 emakume “kaiolan”. Lehendabiziko helburua, egutegia osatu eta egonkortzea da, egitasmoa ez dadin bi txapelketaren ostean eten, emakumeek pilotan jokatzen jarrai dezaten. “Ezin dugu esan oraintxe hasi garenik emakumeak pilotan jokatzen. Lehen ere ibiltzen ginen, baina ez zen ikusten”. Eneritz Arrieta (Azkoitia, Gipuzkoa, 1986) pilotariaren hitzak dira. Emakume Master Cup-aren baitan antolatutako bi txapelketetan parte hartu du gipuzkoarrak, binakakoan eta lau eta erdikoan, eta jada hurrengo txapelketa noiz antolatuko den zain dago. “Urtarrilean badirudi berriz ere binakako txapelketa antolatuko dela. Horri begira entrenatzen jarri beharko dugu, eta ea bi txapelketen artean zerbait gehiago antola litekeen”. Hala erabakita, gizonezkoen lau eta erdikoarekin batera antolatu dute txapelketa; azaroaren 19an jokatu zen Bilboko Bizkaia pilotalekuan gizonezkoen lau eta erdiko txapelketa, eta abenduaren 6an jokatuko dira andrazkoen bi kategorietako finalak, Sopelako pilotalekuan. Arrakastatsua izan zen Emakume Master Cup-eko esku huskako binakako txapelketa. Izan ere, 40 bikotek izena eman zuten, 80 pilotari, federatuak eta federatu gabeak. Hori horrela, bi mailatan banatu zen txapelketa: Elite Maila edo maila nagusia, eta Lehenengo Maila. Lau eta erdiko txapelketarako formatu berbera mantendu du antolakuntzak. Pilotariak maila batean edo bestean sartzeko, batetik martxoan jokatutako binakako txapelketa hartu dute erreferentzia gisa, eta bestetik, pilotari berrien jarraipen moduko bat egin dute. Bi txapelketa hauek antolatu ostean, haria ez moztea da gakoa. Hau da, beste txapelketa gehiago egutegian sartzea, eta dauden biak, gutxienez, egonkortu eta ziurtatzea. Leire Etxanizek (Etxebarri, Bizkaia, 1990) ere antolatutako bi txapelketetan parte hartu du: “Urtarrilean beste txapelketa bat antolatzen bada, aurrera jarraitzeko balioko digu. Txapelketa gehiago ez badira antolatzen, lortutako asko galdu egingo da azkenean”. Pilota federazioei ere deia luzatu die Arrietak: “Gipuzkoa mailan, federazioak ez du ezer antolatzen. Bizkaian, adibidez, badakit zerbait antolatu ohi dutela. Urtean txapelketa batekin soilik ez genuen ezer egiten. Bigarrena, lau eta erdikoa, ere antolatu dute. Ea bide honi jarraitzen diogun, eta federazioak ere zerbaitetara animatzen diren”. Iker Amarika Emakumeen Master Cup-eko antolatzailetako batek baieztatu digu Etxanizek eta Arrietak aurreratutakoa: “Baieztatu dezakegu binakako txapelketa jokatuko dela. Gainera, nazioarteko parte hartzea izango dugu, eta finala frontoi berezi batean jokatuko da”. Binakakoa jokatuko dela baieztatuta, Amarikak aurreratu du ez dutela buruz burukoa antolatzeko asmorik, momentuz: “Lau eta erdiko txapelketa ongi antolatzea nahiago dugu, eta gero gerokoak”. Oso gazte zela hasi zen pilotan Arrieta, eta 15 urterekin utzi egin behar izan zuen ezin zuelako aurrera egin. Bi txapelketa hauei esker, gaztetan pilota utzi zuten hainbat emakume pilotan berriro jokatzera animatu direla nabarmendu du: “Azpeitiko festetan partida bat antolatu genuen. Horren ostean, Emakume Master Cup-eko binakako txapelketa antolatu zuten, eta 15 urte pilota ukitu gabe pasa ostean, txapelketa batean parte hartzea erabaki genuen taldetxo batek. Orain, 8-10 emakume aritzen gara entrenatzen”. Etxaniz, berriz, 12 urterekin hasi zen pilotan, eta futbolean zazpi urtez aritu ostean, baloia palarengatik aldatzea erabaki zuen: “Txapelketa honi esker esku huskako modalitatea berreskuratu dut. Pilotan hasi nintzenean, neska bakarra nintzen. Palako modalitatean, ordea, gauzak ezberdinak dira. Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan emakume dezente aritzen dira”. Gentzane Aldai (Orozko, Bizkaia, 1994) zortzi urterekin hasi zen pilotan. Bere herrian pilotan aritzen zen taldeko emakume bakarra zen. Hiru urte egon zen federatuta, baina 11 urte zituela pilota utzi eta futbolean hastea erabaki zuen. Jada nabaritzen hasi zen mutilek jokatzeko indar gehiago zutela, eta emakumeekin jokatzeko aukerarik ez zegoen: “Larrabetzun lanean hasi nintzenean, Jone Goiri eta bere neska pilotariak ezagutu nituen. Kontatu zidaten Emakumeen Lau eta erdiko txapelketa antolatzen ari zirela, eta parte hartzea erabaki nuen. Binakako txapelketaren berririk ez nuen izan”. Pilota aukera faltagatik utzi zuen, eta berreskuratzeko aukera izan duenean, ez zuen zalantzarik izan Aldaik: “Frontoian hazi eta bizi izan naiz. Orain, pilotaren txispa hori piztu zait berriro. Datorren urteko binakako txapelketarako jada bikotea daukat”. Aloña Mendi taldeko pilota sailean hasi zen 2017ko urrian Mireia Mugartza (Oñati, Gipuzkoa 1990). Binakako zein lau eta erdiko txapelketan parte hartu du, eta txikitan izan ez zuen aukera orain iritsi zaio: “Betidanik aritu izan naiz pilotan. Aita pilotan aritzen zen, eta ordu asko egiten nituen berarekin Oñatiko auzo bateko pilotalekuan. Sekula ez nuen aukerarik izan klub edo talde batean sartzeko”. Oñatiko jaietan antolatzen den pilota txapelketa bateko bigarren aldian neska kopuru “polit” batek izena eman ostean, Aloña Mendiko pilota sailean sartzeko aukera eskaini zietela dio Mugartzak. Binakako txapelketara bueltatuta, izena emateko zalantzak izan zituela gogoratzen du Etxanizek: “Alde batetik, pentsatzen nuen aukera ona zela berriro ere esku huska aritzeko. Baina, sakonki aztertuta, hainbeste urte pasatu nituen modalitatean aritu gabe, eta eskuak ere bigunduta neuzkan. Iker Amarika antolatzaileetako batek bultzatu ninduen izena ematera, eskupilotara bueltatzera. Eta, azkenean, txapeldun atera naiz binakakoan, eta lau eta erdiko finala ere jokatuko dut. Gustura nago hartutako erabakiarekin”. Lehenengo txapelketa hartan emandako mailarekin ez dago pozik Arrieta: “Ez genuen maila ona erakutsi, baina esperientzia polita izan zen. Jendearentzat ere gustagarria izan zen, horrelako zerbait antolatzeko garaia bazela aipatzen zidaten. Bai, lehenago egin beharreko zerbait zen, niri eta beste askori trenak ia ihes egin zigun”. Arrakastari dagokionez, lau eta erdiko txapelketa binakakoaren antzekoa izan dela dio Arrietak: “Jendeak erantzuten du, batzuetan ez nahiko genukeen adina, baina pixkanaka egin behar dugu bidea. Jende dezente zegoen Berrizko finalaurrekoetan; normalean ez da hainbeste jende hurbiltzen. Nik uste dut jendea ohitzen ari dela pixkanaka emakumezkoen pilota ikustera. Dena den, garaia ere bada”. Etxanizek gogoan du, txapelketa antolatu zutenean, beldur zela ez zekielako txapelketa antolatzeko nahikoa emakumek emango zuten izena: “Ikusi genuen emakume asko apuntatu zirela, eta txapelketa honek balio izan digu baita ere lagunak egiteko, eta jolasten jarraitzeko motibazioa lortzeko. Lau eta erdikoa atera zenean ere beldurra sumatu zen, bakarka jokatu behar delako, baina nik uste apustu egokia dela. Lau eta erdikoan izena eman duten pilotari berriek binakako txapelketan jokatzeko maila dute, eta izena emango dutela uste dut”. Binaka aritzetik, bakarka eta lau eta erdiko distantzian jokatzeko aukera ematean, pilotari batzuek atzera egin izana onartu du Amarikak: “Bakarren batek ezetz esan zuen. Beldurra ematen die batzuei oraindik bakarka jokatzeak, baina pixkanaka animatuko direla uste dut”. Dena den, binakakoan parte hartu zuten 20 pilotari berri aritu dira lau eta erdiko txapelketan. Momentuz, bi txapelketa soilik ditu egutegiak. Binakakoa martxoan hasi zen, eta urrian ekin zitzaion Lau eta erdikoari. “Asko pozten naiz orain arte ez zegoelako ezer, baina egia esan, behin hasita, gehiago nahi dugu; oso motzak egiten zaizkit txapelketak. Esaterako, lau eta erdikoan, bigarren egunean kanpoan geratu nintzen, lau partida bakarrik jokatu ostean”, azaldu du Mugartzak. Hala ere, lehenengo txapelketa hari esker, udan jaialdi dezente izan dituztela nabarmendu du Arrietak: “Aurten harrituta geratu gara herri askotatik deitu digutelako erakustaldi moduan partidak antolatzeko. Ez gara geldirik egon. Egia esan, ez genuen espero eskaera hori egongo zenik, edo jendeak horrela erantzungo zuenik”. Txapelketen artean, palako modalitatean aritzen da Etxaniz: “Asteburutan beti daukat partidaren bat, eta aste barruan eskupilotan entrenatzen dut. Dena den, aurtengo udan esku huskako jaialdi askotan aritu naiz”. ETB1ek zuzenean eskaini zituen finalaurrekoak, eta finalean ere halaxe egingo dute. Antolatzaileen lanaren fruituak direla dio Etxanizek: “Antolatzaileei esker lortu da hori. Hedabideetan agertzen jarraitu behar dugu. Horrela aurrera egiten jarraituko dugu”. Aldai iritzi berekoa da: “Merituak egiten ari gara prentsa idatzian, irratian edo telebistan agertzeko. Txapelketek arrakasta izan dute, eta iruditzen zait jendea frontoira gerturatzen ari dela”. Emakumezkoen pilotaren arrakasta aipatzerako orduan, beste gako bat eman du Mugartzak: “Antolatzaileak lan ona egiten ari dira. Gainera, herri desberdinetara joaten gara partidak jokatzera, eta horrela geroz eta jende gehiagorengana iristen ari gara”. Egutegia egonkortu eta ziurtatzeaz gain, Aldaik uste du emakumeentzat aukera gehiago falta direla: “Nire bikoteak eta biok Orozkoko pilota taldean hasi nahi genuen esku huska entrenatzen. Baina, talde guztiak itxita zeuden. Aukera gehiago, emakumeei entrenamendu gehiago eskaintzea falta da”. Gizonezkoen pilotaren itzala ere ez da nolanahikoa Euskal Herrian. “Arlo ekonomikoan alde handia dago mutilekin. Azkenean, emakumeak gustatzen zaigulako gabiltza bereziki kirolean, baina sariak beti gustura hartzen dira”, esan du Etxanizek. Konparaketa egiterakoan, pilotalekuetako harmailei ere erreparatu nahi izan die Aldaik: “Begiratu nola zegoen gizonezkoen lau eta erdiko finalean Bizkaia frontoia, eta gero begiratu gu aritzen garenean nola egoten diren; 100 pertsona hurbiltzen badira pozik gaude. Dena den, lehen harmailetan ia ez zegoen emakumerik, eta orain badirudi hori pixkanaka aldatzen ari dela”. Jokoa ere ezberdina dela dio Etxanizek: “Gizonak airez gehiago sartzen dira, eta gu botez aritzen gara gehiago, baina pixkanaka gerturatzen gabiltza”. Eta hein batean, erabiltzen den materialagatik gertatzen da hori.“Material aldetik aldea ere handia da, baina ni konforme nago daukagunarekin. Pilotak motelagoak eta goxoagoak dira, eta batzuetan hauekin ere mintzen ditut eskuak. Hortaz, ez ditut pilota gogorragoak nahi”, azaldu du Arrietak. Jokoa eta materiala alde batera utzita, emakumeen pilotari bultzada ematea da garrantzitsuena. Neska gazteek pilotan jarraitzea inolako oztoporik gabe, haria ez moztea. Aukera faltengatik ibilbide bat ez etetea, eta nahi eta ahal dutenek, bigarren aukera bat izatea. Kristalezko sabaiaren aurka borrokan Lehen lerroan dauden klub euskaldunetako hiruk dute emakume bat presidente karguan; Delteco Gipuzkoa Basketek eta Araski Lacturalek saskibaloian eta SD Eibarrek futbolean. Beherago ere aurki ditzakegu emakumeak presidente karguan, kirol ezberdinetan, baina beti nahi baino gutxiago. Orekatik urrun, pausu asko daude oraindik emateko. “Klub barruan zeudenentzat ez zen arraroa izan emakume bat presidente izatera iristea. Denek esaten zidaten aproposa nintzela posturako, eta animoak eman zizkidaten aurrera jarraitzeko. Barrukoentzat ez, baina kanpoko batzuentzat arraroa izan zela uste dut”. Nekane Arzallus Delteco Gipuzkoa Basketeko presidentearen hausnarketa da, Illunbeko zezen plazan taldea egiten ari den entrenamendua bertatik bertara jarraitzen ari dela. “Gogoratzen dut behin pertsona batek galdetu zidala ea zer egiten zuen emakume batek gizonezko klub bateko presidentetzan. Eta nik erantzun: “Zergatik ez?”. Abokatua bada ere, eraikuntzaren munduan aritzen den enpresa bateko jabea da anaiarekin batera. Kirolean jarduteko aukera eman ziotenean ez zuen bi aldiz pentsatu: “Niri ilusio handia egiten zidan klub profesional batek nola funtzionatzen duen ulertzeak, eta kirola asko maite dut, gainera. Hiru segundotan erantzun nuen. Egia da presidente izatera iritsi nintzenean galdera asko egiten zizkidatela emakume presidente figuraren inguruan. Ez nuen ulertzen zergatik ematen zitzaizkion horrenbesteko buelta gai horri, aurretik lan gogorra nuela kontuan hartuta”. Hamar urte bete dira aurten Arzallus kontseilari bezala Gipuzkoa Basketentzat lanean hasi zenetik, eta bere hirugarren denboraldia da honakoa presidente karguan; GBCren laugarren presidentea da, eta lehenengo emakumezkoa. Alvaro Bilbaok arrazoi pertsonalengatik kargua utzi zuenean iritsi zen presidentetzara Arzallus, aurreko hiru urteak presidenteorde bezala aritu ostean: “Miguel Santosek hautagaitza bat aurkeztu nahi zuen 2005eko Realeko hauteskundeetarako, eta bere hautagaitzan aritzea eskaini zidan. Proposamena onartu nuen, baina Fuentesek irabazi zituen hauteskundeak. Bi urte beranduago, Gipuzkoa Basket Kirol Sozietate Anonimo bihurtu zenean, kontseilari bezala sartzeko deitu zidan”. Elkarrizketa hau egin baino egun bat lehenago Eibarko Delteco enpresarekin urte baterako hitzarmenaren berri eman zuten Illunben bertan, eta lortutako akordioarekin pozik dago Arzallus. Pozik enpresaren alorrean, baina penatuta kirol arloan, Baskonia eta Bilbao Basketen aurkako bi derbiak azken txanpan galdu dituztelako. Hala ere, talde ona osatu dutela uste du Arzallusek. Jokalariei presidentea emakumezkoa dela jakitean arraroa egin ote zaien galdetuta argi erantzuten du Arzallusek: “Ez, ez dut hori inoiz sumatu. Beti eduki dut jokalari guztien errespetua. Egunero denak agurtzera hurbiltzen dira, haiekin hitz egiten dut, eta ez dut bestelakoa den jarrerarik ikusi”. Presidente gertukoa da Arzallus, eta jokalariekin ondo moldatzen da. “Dena den, ez naiz asko sartzen aldageletara”, gaineratu du barrezka. Arzallus baino urtebete lehenago, 2014-2015 denboraldian, iritsi zen Maria Eugenia Etxebarria SD Amorebieta futbol taldeko presidente izatera: “Aurreko zuzendaritzak uztea erabaki zuen, eta haiekin hitz egin ostean hautagaitza aurkeztea erabaki genuen. Ez zen beste hautagaitzarik aurkeztu, eta horrela iritsi nintzen presidente izatera”. Klubeko bazkide zen orduan Etxebarria, baina hasiera batean, pausu bat gehiago ematea ez zeukan buruan. “Egia esan ez zegoen nire asmoetan Amorebietako presidente izatea. Baina, beste zuzendaritzak proiektu bezala aurkeztu zidanean animatu egin nintzen”. Amorebietako lehenengo emakumezko presidentea da Etxebarria: “Jendeak ez zion emakume izateari zuena baino garrantzia gehiago eman, momentuaren izaera anekdotikoa baino. Hasiera-hasietatik oso ondo barneratu zen, eta arlo horretan ez dut inongo esperientzia txarrik izan. Paternalismorik ere ez dut sumatu, eta hori nik erradar berezi bat daukadala horrelako gauzez jabetzeko”. Livia Lopez, berriz, Araskik izan duen presidente bakarra da. Araba taldean hasi zen saskibaloian jokatzen, eta 1999an, taldeak kudeatzeko moduagatik desadostasunak zirela eta, saskibaloia utzi eta taldekide guztiak areto futbolean aritu ziren urtebetez. Hala, 2001ean, saskibaloiari berriz heltzea erabaki zuten, eta Abaroa taldea sortu zuten eurentzat: “Gauzak gure erara egin nahi genituen. Jokatzeaz gain, kluba zuzentzeaz arduratzen ginen, lanak banatuta; azpiegituren alokairua, federazioarekin harremana, arropa, eta beste hainbat gauza”. Alta, soilik legalki bazen ere, Angel Estevez, taldeko entrenatzailea izendatu zuten presidente: “Kirol arloan asko eman zigun pertsona zen Angel. Denak batzen gintuen pertsona zen, eta aitortza moduan jarri genuen presidente karguan. Dena den, bera ez zen kudeaketaz arduratzen, jokalarien esku zegoen ardura hori”. Abaroa atzean utzi, eta EHUk zuen taldearekin akordioa egin ostean, Araski elkartea sortu zuten; 2010-2011 eta 2011-2012 denboraldietan bi klubak mantendu ziren, batzea behin betikoa izan aurretik. Elkarteko presidente bezala hasi zen Lopez, eta klubaren presidente izatera pasatu zen gero. Ordurako, hamar urte zeramatzan Lopezek talde baten kudeaketan, eta nekea handia zela gogoratzen du: “Zure bizitza hipotekatu behar duzu. Pentsatu dut behin baino gehiagotan zergatik sartu izan naizen horrelako lanetan. Azkenean, lanarekin gauzak lortzen direla pentsatzen dut, eta are gehiago emakumezkoen kirolean. Inoiz ez dela egongo Gasteizen emakumezkoen kirola gorengo mailan? Zergatik ez? Erronka bat zen, eta erakutsi dugu posible dela”. Bere buruari meriturik kendu nahi ez dion arren, Lopezek nabarmendu du Araski ez dela bakarrik bere lanarekin aurrera ateratzen: “Talde baten proiektua da. Nik ez dut dena egiten, ordezkari nagusiaren papera hartzen dut, bai. Proiektuaren zati garrantzitsu bat naiz, bana gauza asko taldeko beste batzuek egiten dituzte. Batzuetan esan didate ze ongi fitxatu dudan, eta nik argi erantzun diet nik ez dudala fitxatu, taldeak egin duela. Ni ez naiz Florentino Perez edo Josean Kerejeta”. Endesa ligan aritzen da Gipuzkoa Basket, Dia ligan Araski eta futboleko Bigarren B mailako D multzoan Amorebieta. Endesa ligan, emakumezko presidente bakarra da Arzallus, Etxebarria Bigarren B mailako D multzoan bezalaxe. Futboleko lehen mailan, berriz, bi emakumezko daude: Amaia Gorostiza Eibarren eta Victoria Pavon Leganesen. Emakumezkoen saskibaloi gorenaren kasua, Dia ligarena, berezia da: presidente emakumeak dituzten bi taldeak euskaldunak dira, Livia Lopezen Araskin, eta Carmen Muguruza IDK Gipuzkoan. Eta hain justu, bi talde horiek dira soilik entrenatzaile postuan emakume bat dutenak: Madelen Urieta eta Azu Muguruza, hurrenez hurren. “Nik beti esan dut Araskik hiru hanka dituela: erreferentea izatea, harrobia lantzea, eta emakume kirolariek sufritzen duten eskubideen bortxaketa salatu eta konpontzen saiatzea”, hala definitzen ditu Lopezek Araskiren oinarriak. Horrenbestez, gizonen lehiaketetan oso emakume gutxi daude entrenatzaile, epaile eta presidente postuetan, baina gauza berbera gertatzen da emakumezkoen lehiaketetan. “Boterea gizonezkoena delako gertatzen da hori. Kristalezko sabaia apurtzea da emakumeen borroka nagusia. Gizonek euren karguetan ordezkatzeko gizonak proposatzen dituzte. Tristea da XXI. mendean horrelako gauzengatik borrokatzea”. “Ezin dugu esan gauzak asko aldatu direnik arlo horretan. Oraindik ez dago normalizatuta emakume presidentearen figura. Pentsa, oraindik eskutitzak iristen zaizkit presidentea gizonezkoa balitz bezala, Federazioak bidalitakoak…”, esan du Lopezek. Etxebarria ere iritzi berekoa da, eta kasualitatea iruditzen zaio aldi berean emakume pare bat goi karguetara iritsi izana kirolean: “Egoera aldatzen ari bada, oso gutxi aldatzen ari dela esango nuke. Anekdotikoa iruditzen zait emakume pare bat aldi berean presidente izatera iritsi izana. Ez da buelta ematen ari zaion tendentzia bat”. Euskal Herrian, onarpen handiagoa Egoera hori, pixka bat bada ere, bereziki Euskal Herrian aldatzen ari dela uste dute hiru presidenteek. “Beste leku batzuetan baino gehiago nabaritu da Euskal Herrian. Kirolean ez ezik, enpresaren munduan ere Euskal Herrian onarpen maila altuagoa da, Espainiarekin alderatuta. Gauzak aldatzen ari dira, eta iritsi da momentu bat non emakumeei ez dien beldurrik ematen postu batzuetara iristeak”, azaldu du Arzallusek. Etxeberriak, ordea, ez du hausnarketa hori osotasunean berea egiten: “Erantzukizun horretako kargu batera emakume bat iristen denean azkar normalizatzen da Euskal Herrian. Hemen, gauza horiek onartzeko jarrera dugu. Baina, horrek ez du esan nahi egoera aldatzen ari denik, edo nik ez dut hala ikusten behintzat”. Bi hausnarketa horien artean kokatzen da Lopezena, berdintasunaren alorrean Euskal Herria aitzindari izan dela argudiatuta: “Ez dizkiogu gure buruari loreak bota behar, baina Euskal Herria beti izan da aitzindari berdintasunaren alorrean. Baserrietatik hasita, emakumea beti izan da etxean agindu duena, eta horrek bere eragina du gizartean. Gauzak aldatu dira, baina ez gaitezen erotu, ez dira aldatu nahi edo beharko genukeen erritmoan.”. Emakume presidentearen figura normalizatzeaz arita, ezinbestekoa da kalitatezko erreferenteak sortzea. Hots, kirolean zein enpresaren munduan, goi karguetara iristen diren emakumeek arrakasta izatea. Alde horretatik, lehen lerroan dauden Eibar eta Araskiren kasuak nabarmendu behar dira, Gipuzkoa Basket ahaztu gabe. Araskik 2015-2016. denboraldian emakumezkoen saskibaloi liga gorenera igotzea lortu zuen, eta iaz,, Europako txapelketak jokatzeko sailkatu zen, parte hartzeari uko egin bazion ere. Eibarri dagokionez, denboraldi hasiera gogorra izaten ari bada ere, ezin daiteke inolaz ere gutxietsi lehenengo mailara igo zenetik lortutako kirol arrakasta, ezta klub bezala eman dituen aurrerapausoak. Gipuzkoa Basketen kasua ere azpimarratzekoa da, bigarren mailara jaitsi ostean, berriro ere ACBra igotzea lortu baitute gipuzkoarrek. Denboraldi hasiera ona egiten ari dira gainera, eta badirudi arlo ekonomikoan ere egonkortzeko pausuak ematen ari direla. Eta arrakasta hori presidente postuan emakume bat dutela lortu dute; jakina, ez beraiek bakarrik hor daudelako, baina beraiek klubaren buru direla. “Noski onak direla arrakasta kasu horiek. Baina, benetan ona da, goi karguetan dauden pertsonek bere lana ongi egitea. Ez da sexu kontua. Ulertu behar dena da ongi dagoen lan bat edozeinek egin dezakeela, gizona edo emakumea izan”. Gipuzkoa Basketentzat lanean aritu den denboraren laburpena egiten hasten denean, 2005eko pasarte bat etorri zaio burura Arzallusi: “Santosen deia jaso nuenean klubean lanean hasteko, berak esan zidan ez zuela emakume florerorik nahi. Nik erantzun nion ni ez nintzela emakume florero bat, eta GBCn sartzen banintzen lan egiteko zela. Gai ikusten nintzen, presidente izateko aukera izan nuenean ere ezin nuen pauso bat atzera eman. Ez dakit beste batzuentzat erreferente izango naizen, baina lana ongi egiten saiatzen naiz behintzat”. Erakustea, ezinbestekoa Horrekin, tamalez, ez da aski. Goi karguetan dauden emakumeek gizonek baino gehiago demostratu edo erakutsi behar dute, eta euren ideiak nahi baino gehiagotan berretsi behar dituzte kontuan hartu daitezen. Arlo horretan, oso argi hitz egin du Etxebarriak: “Momentu bat iritsi da, dudan adinarekin, aspertuta eta nekatuta nagoela etengabe demostratu behar izateaz. Emakumeek profesionalki aurrera egin nahi dute, eta ez dute etengabe burugogor batzuekin borrokan egon nahi”. Etxeberriarekin bat egiten du Arzallusek: “Kirol munduari oraindik falta zaio sinestea emakumeak gai garela presidente, entrenatzaile edo epaile izateko, gizonezkoen lehiaketa edo emakumezkoena izan. Dena den, gehiago demostratu behar izate ori, hein batean, emakumeok buruan sartuta dugun zerbait ere badela iruditzen zait”. Demostratzea eta esandakoa berrestea, hitz gako horiek aipatzen direnean, Araskiren kasua ezberdina dela gogoratu behar da, gehienbat emakumeek osatutako kluba delako. Hala ere, beste erakunde batzuekin izandako harremanetan nabaritu du Lopezek bi hitz gako horiek esan nahi dutena: “Emakumezkoen saskibaloi ligako taldeak biltzen garenean, bi presidente egoten gara gizon mordo batean artean. Hor egoteko jarrera berezi bat behar da, gogorrak diren gauzak entzun behar dira, eta ulertzen dut emakume batzuek hor egon nahi ez izatea. Batzuetan sentitzen duzu zure ahotsak ez duela gizonenak bezainbesteko pisua. Zure lekua egiteko gehiago lan egin behar duzu, burua atera”. Kasu konkretuak gogora ekarrita, Arzallusek buruan du Gipuzkoa Basketeko presidente bezala jardun zuen lehenengo partida, Kanariar Uharteetan: “Palkoetan gertatzen dena batzuetan oso kuriosoa da. Kanariarren aurkako partidan, bertako diputazioko presidentea jarri zidaten alboan, eta hitz egiten egon ginen lehenengo zatian. Atsedenaldian, barkamen eske etorri zitzaidan, ez zuelako uste Gipuzkoa Basketeko presidentea emakumea zenik”. Kasu zehatz bat baino gehiago, behin baino gehiagotan errepikatu zen istorio bat gogoratu nahi izan du Lopezek: “Presidente izan arren, askotan eseri izan naiz aulkian Madelen eta talde teknikoari laguntzeko. Ez dakizu zenbat aldiz joan diren epaileak gure bigarren entrenatzaileari eskua ematera entrenatzaile nagusia bera zela pentsatuta. Lehenengo mailan jada ez da gertatzen” Pauso asko eman behar dira oraindik. Detaile txikietatik hastea proposatzen du Lopezek: “Gauza txikietan sinestea nahiago dut aldaketa handiak azkenean ez direlako ematen. Betetzen ez diren lege asko daude. Saskibaloiko araudi batzuetan soilik maskulino generikoa erabiltzen da; ikusezina sentitzen zara. Horrez gain, txapelketetan gizonek emakumeek baino ordutegi hobeak dituzte. Zergatik? Gauza horiek aldatzen hasi behar dugu… Araskin hala sentitzen dugu, ez da azaleko zerbait, itxurazkoa dena, hori baino gehiago da. Ahotsa dugun leku guztietan lan hori egin nahi dugu”. Etxeberriak, berriz, borroka berdinean jarraitzea ezinezkoa dela uste du: “Legeek beti laguntzen dute, baina oso atzeratuta goaz alor horretan. Orain, pentsamendu matxista dutenen barne borroka behar dugu. Egun ikusten dugu pertsona asko daudela berdintasunaren alde. Guk borrokatzen jarraitu dezakegu baina pentsamendu matxistak dituzten horiek aldatzen ez diren bitartean…”. Gizonen papera ere garrantzitsua dela nabarmendu du Arzallusek: “Gizonek ere aurrerapausoak eman behar dituzte emakumeak hor egoteko. Asko kostatzen da, baina asko laguntzen ari dira batzuk hainbat alorretan”. Emakume bat gizonezko talde baten entrenatzaile izatea da momentuotan Arzallusentzat apurtu daitekeen hesirik handiena: “ Ematen du emakumeak ezin garela presidente edo entrenatzaile izan. Uste dut oraindik urruti samar gaudela hori ikustetik. Hala ere, nik askotan pentsatzen dut zergatik ezin daitekeen Azu Muguruza GBCko entrenatzailea izan. Gai dela erakutsi du IDK Gipuzkoan, eta arrakasta handia izango zuela pentsatzen dut. Alabaina, bere taldean lan oso ona egiten ari da, eta uste dut urte asko egongo dela bere klubean”. Erreferenteen beharra Bulegoetatik kirol arlora etorrita, kirolean hasten ari diren neskek emakumezko erreferenteak izatea ere ezinbestekoa da. “Niretzat erreferente bat lortu dezakezun zerbait da. Hortaz, gizonezkoen erreferentea baliagarria den arren, are garrantzitsuagoa da emakume kirolariak erreferentzia izatea neskek. Arrate Agirre edo Laura Pardo adibidez, gure nesken eskola berdinetara joan direlako, ikasketak dituztelako, bere lana dutelako eta, aldi berean, lehenengo mailan jokatzen dutelako. Neska batek bere logelan Adam Hangaren posterra izan eta horren alboan Margaret Rountreeren argazkia sinatuta izateak pentsatzen duguna baino barrera gehiago apurtzen ditu”, aipatu du Lopezek. Erreferente bat bilatzen hasita, Eli Pinedo datorkio burura Arzallusi: “Elik uste dut oso ibilbide ona egin duela, eta oraindik, gainera, asko mugitzen da, eta horrek ere laguntzen du erreferente bilakatu dadin neskentzat”. Hedabideen papera ere ezin da ahaztu. Izan ere, gauzak pixkanaka aldatzen ari direla dirudien arren, emakumeen kirolei oraindik ere oso presentzia txikia ematen zaie euskarri ezberdinetako hedabideetan. “Nik hedabide batean lan egiten dut, eta uste dut aprobetxatzen ari ez den benetako aukera bat dagoela emakumeen kirola sustatzeko. Jendeak produktu hori eskatu dezan lehenago eskaini egin behar zaio, egunero hedabideetan agertuko bagina lortuko genuke jendeak produktu hori eskatzea. Gure proiektuarekin erakutsi behar dugu jendeari emakumezkoen kirola interesatzen zaiola”, argudiatu du Lopezek. Era berean, Arzallusek “ezinbestekotzat” jo du hedabideen papera emakumeen kirola sustatzeko: “Hedabideetan azaltzen ez bada askotan ez da ikusten zer egiten den, jendeak ez daki ezta zer liga dauden. Batzuetan emakume batzuei galdetzen diet, eta ezin dizkidate emakume kirolari edo emakumeen talde bakar baten izena aipatu. Horregatik, eskertzen dira mota honetako erreportajeak sortzea”. Katu zinemagilea Kirolarekin harreman estua du Iratxe Fresneda ikerlari eta zinemagileak (Arrigorriaga, Bizkaia, 1973). Haurtzaroarekin lotzen du futbolarekiko zaletasuna, auzoko larreetan eta ikastolako patioan neska-mutilak elkarrekin eta nahasian aritzen zireneko ume denborak. Bere bizitzan protagonista izan diren beste bi kirolekin ere ikasi du lezioren bat edo beste: eskubaloiko atezain moduan aritzean ikasi zuen segundo bakarrean zirt edo zart egitearen garrantziaz, eta kontrara, eskaladak eta mendiak, ikusmira eta patxada ekarri diote ordainetan. “Eider Rodriguez egungo euskal idazle onenetarikoa da, onena ez esatearren”. Idazle errenterriarraren ‘Katu jendea’ ipuin bildumaren beste narrazio bateko protagonista bailitzan, katu zinemagiletzat definitzen du bere burua Iratxe Fresnedak jarraian. Zergatiaz galdetuta, argi azaldu du: “Bakardadea gustuko dut. Asko gustatzen zait bakarrik filmatzea. Filmatzen dudanean, ikusezina izatea bilatzen dut, jendeak bere bizitzarekin aurrera darraien bitartean. Behaketan aritzen naiz: pertsonak, paisaiak, koloreak… Batzuetan bigarren kamara batekin joaten naiz, Saioa Etxebarria kidearekin, baina halakoetan ez da arazorik egoten, azken finean bera ere katu zinemagilea da, eta elkar ulertzen dugu. Berak bere bidea egiten du, eta nik nirea. Soinu teknikaria gurekin datorrenean ere, antzera. Beste katu bat”. Irudien eta soinuen peskizan, bilaketan dabilen katu zinemagilea. Bi aldagai horien inguruan lotu gatzaizkio elkarrizketa osoan zehar:“Irudiekin lan egiten dut beste ezeren gainetik. Irudiak ditut buruan, kamera hartu baino lehen ere. Irudien gainean pentsatzen dut, forma ematen diet: ikuspegia, planoa, iraupena, soinua... Oso formalista naiz zentzu horretan, edukia eta forma modu egokian uztartzeari garrantzi handia ematen diot. Autore zineman sinesten dut”. Kirolarekin duen loturaz galdetuta, irudi bat eta soinu bat, nola ez, dakartza akordura: txirula bat, Athleticen ereserkia, eta Zaratamoko (Bizkaia) ikastolako patio zuri gorriz jantzia. Neska-mutilak futbolean gabarraren gainean “Lanbarketako auzoan bizi ginen, eta bertako larreetan aritzen ginen futbolean. Ez bakarrik futbolean, noski, baina bai nagusiki. Orduan ohikoa izaten zen neskak eta mutilak nahasian aritzea. Zaratamoko eskolan ere gauza bera gertatzen zen. Ederra zen elkarrekin aritzea, bereizketarik gabe”. 80. hamarkadan ume edo nerabe izandakoek egun pentsa ezina litekeena bizi izan zuten Euskal Herrian: euskal bi talderen liga txapelketak. 80-81 eta 81-82 denboraldietan Realak irabazitakoen ondoren, Athleticen bi Liga txapelketak eta Kopa bat heldu ziren. “ Futbolaz harago joan ziren garaipenak izan ziren. Herriak bere egin zituen garaipen haiek, baita futbola gustuko ez zuten askok ere. Gizarte moduan behar genuela esango nuke, garaiko gatazka politiko eta sozial guztien artean kohesio elementu bat izan zen futbola. Gu orduan ez ginen jabetzen, noski, baina bai nabaritzen genuen jendearen artean poz berezi bat kalean, herrian, eta baita eskolan ere, noski”. Poz berezi hori definitzerakoan, argi dauka: “Athleticen ereserkia bozgorailuetatik jartzen zuten eskolako patioan etengabe. Ume asko zuri gorriz jantzita joaten ginen klasera, Athleticeko jokalariak aukeratzen genituen gure partidetarako... Athleticekiko zaletasuna zainetatik sartu ziguten [barre egiten du]”. Hala ere, zaletasuna baino, kultura hitza darabil gehienetan: “ Kirol zaletasuna baino, zerbait kulturala zen. Jokalari haiek, talde hark, herri moduan izan nahi genituen balio batzuk irudikatzen zituzten, edo hala uste nahi izan genuen. Ispilatzea izan zen ala ez, batek daki, baina sinetsi egin genuen, guretzat eredu ziren”. “Bitxia da buruak nola egiten duen lan” jarraitu du hizketan: “ Abesti pila bat ikasi genituen txirulaz Enriqueta musika irakaslearekin, eta gogoratzen dudan bakarra Athleticen ereserkia da”. Hatzamarrak mugitzen ditu, txirula eskuen artean balu bezala, abestia ahopekatzen duen bitartean. Futbolarekiko pasioa mantentzen duen galdetuta, zalantza egin du: “ Nerabezarora heldutakoan, futbolaz urruntzen joan nintzen. Beste kirol batzuek hartu zuten bere lekua. Futbolaren inguruan sortu den giroa ez dut batera gustuko. Kirola bera bai, partidu handiren bat dagoenean ikusten dut, Munduko Txapelketakoa edo Txapeldunen Ligakoa, adibidez. Egia da Athleticek emakumezkoen taldea atera zuenean asko poztu nintzela, nahiz eta amorrua ematen didan, adibidez, profesionalak ez izatea. Futbolak mugitzen duen diruarekin!”. Azken gogoeta honen haritik tiraka, futbolak kirol zein negozio moduan egin beharreko bideaz gogoeta egin du Iratxe Fresnedak. EHUko irakasle moduan Ikasketa Feministak eta Generokoak unibertsitate-masterreko irakaslea ere bada. Bi ideia nagusi azpimarratzen ditu: alde batetik futbolak negozio moduan duen kutsu kapitalista nabarmena, eta horrek kirolarengan eta kirolak islatu behar lituzkeen balioen inguruan duen eragina, eta bestetik kirolaren beraren antolatzeko era, gizon eta emakumeen arteko bereizketan oinarritzen dena. Zergatik ez elkarrekin? “Futbolak negozio moduan duen izaera kapitalistaz asko hausnartu bada ere, ezer gutxi hitz egiten da txikitatik neska eta mutilen artean egiten den bereizketaz”. Egoera “surrealistatzat” definitu du: “Nori bururatuko litzaioke arrazaren araberako bereizketa egitea? Eromena da, apartheid moduko bat. Adibide praktiko bat jarriko dut: nik eskalada egin dut. Garai batean niretzat kirol garrantzitsua izan zen, eta egunero entrenatzen nuen. Mutilekin aritzen nintzen. Ez ziren ni baino hobeak. Egoeraren arabera, nik haien laguntza behar izaten nuen, eta beste askotan haiek nire beharra.”. Ez du uste batzuen eta besteen artean dauden ezberdintasun fisiologikoak argudio moduan erabili daitezkeenik egungo egoera zuritzeko: “Ez da ekintza sinboliko soila mutilek eta neskek elkarrekin jokatzea. Zuk beste lagun batzuekin helburu antzeko bat daukazunean, lagun horiekin elkarbizitzen ikasten duzu. Azken finean, balore kontua da. Elkarren artean ulertzen, desberdintasunak onartzen… Egun dagoen banaketa egitean ez ote garen hori guztia lantzeko aukera galtzen ari”. Kirola-gizona binomio zahar, zaharkitu eta matxista irauli beharraren garrantziaz ere jardun du: ”Zerbait gaizki egiten ari gara. Ohitura kontua ere bada, orain artean gizonezkoen kirolari eman izan zaio garrantzia, eta gizontasun eredu batekin lotu izan dira kirol gehienak, futbola bereziki. Eredu zaharkitu eta lidergo eredu zaharkituak astindu behar dira”. Ereduez galdetuta, bi aipatzen ditu: bat zeharo ezaguna, mitotzat definitu daitekeena, eta bestea aitzindaria. Jose Angel Iribar eta Miriam Garcia Pascual Athleticeko atezain mitikoaren kasuan ‘eratorrita’ datorkion miresmena da, nolabait esatearren. Jokalari moduan ezagutu ez bazuen ere, etxean behin eta berriz bere izena eta balentriak entzutearen poderioz, barneratu zuen futbolaz harago zihoala goitik behera beltzez janzten zen ‘makal’ haren sona eta itzala: “Iribarrek balio jakin batzuk transmititzen ditu, kirolaz harago doazenak; Sentiberatasuna, gizarte arazoekiko kezka, gertutasuna… Oso pertsona maitatua da. Oso interesgarria iruditzen zait bere adibidea eta ekarpena futbol zelaietatik kanpo ere” . 2015ean, Miriam Pascualen heriotzaren mende laurdena bete zen. Eskalatzaile nafarraren biografia sobera interesgarria, eta hein handi batean, sobera ezezaguna ere bada: 1986an Pantonesen Espainiako eskalada txapelketa irabazi ondoren Nose, Capitan Salathe, La Viseraren Directa bidea, Fire-ko Mediterraneo bidea, Eclipse Lunar eta beste hainbat gailur garai eskalatu zituen. Bide berriak urratu zituen ondoren etorri zirenentzat. Meru Peak-en,India aldeko Himalaian, desagertu zen, artean 26 urte zituela. Dario Rodriguez Desnivel argitaletxeko buruak hau dio Pascualen ‘Bájame una estrella’ liburuaz, bere argitaletxeak argiratu zuen lehena ere badena: “Mendiaren kulturatik eta sustatzen dituen balioetatik urrun dagoen edonori gomendatuko geniokeen liburua da”. Ameriketara 7 hilabetez egindako bidai bati lotutako bizipenak, marrazkiak eta poesiak jasotzen ditu bertan, eguneroko baten formatuan. 2006. urtean Ruben Epeldek euskaratu zuen ‘Eman izar bat’ titulupean. Bere garaian biziki hunkitu zuen liburua izan zela du gogoan Iratxe Fresnedak: “Garai hartan oso sartuta geunden mendiaren eta eskaladaren munduan, eta liburu hura agerkunde antzeko bat izan zen. Mendian bizi genituen esperientzia askotaz hitz egiten zuen: askatasunaz, naturarekiko harremanaz, bilatutako bakardadeaz... Hain gazte hil izanak ere ematen zion halako aura berezi bat, rock izarrekin-eta ahaidetzen zuena”. Aitzindaria izan zen Miriam Pascual tafallarra alpinismoan. Aitzindaria, nafarra, eta emakumea. Ideiak lotze hutsagatik, beste nafar, emakume eta aitzindari batengana egin du salto: Mirentxu Loyarte. Eta hori da bere ‘Irrintziaren oihartzunak’ pelikula dokumentalaren abiapuntua: ¿Nor da Mirentxu Loyarte? Merezitako aitortza Renoko unibertsitatean Euskadiko filmategiak zituen artxibategietan izan zuen Loyarteren lanaren berri Iratxe Fresnedak lehendabiziko aldiz: “Aurkikuntza izan zen, egia esan. Harrigarria egin zitzaidan halako zuzendari baten lana ia ezkutuan egotea”. Hasiera batean ezin izan zion arreta handirik eskaini, “beste ikerketa lan batean murgilduta nenbilelako, eta esperoan utzi nuen”, baina bere katu senak esaten zion hor bazegoela kontatzea merezi zuen istorio bat. Hilabete batzuk geroago, Lars Von Trier-i buruzko tesia buka-tzen ari zela, Euskadiko filmategiko zuzendariak euskal emakume zinemagileei buruzko ikerketa bat hastea eskatu zion, eta horrek lozorroan utzitako lanari berrekiteko aukera ahalbidetu zion. “Bere lana berriro ikusi nuenean, oso esperimentala eta ausarta iruditu zitzaidan”. Mirentxu Loyarteren lanak hasiera-hasieratik harrapatu bazuen ere, ez zitzaion erraza suertatu zinemagile nafarrarekin jotzea. “Lortu nuen datu baliagarri bakarra telefono zenbaki finko bat izan zen”. Deika hasi zen, esperantza gutxirekin. Halako batean, baina, hariaren beste aldetik erantzuna jaso zuen. “Poz izugarria hartu nuen berarekin hitz egitea lortu nuenean, mamu bati ahotsa jartzea izan zen, nolabait esatearren”. Hasiera batean, euren harremana telefonora mugatu zuen. “Ez zuen kamera aurreran agertu nahi. Pozez eta zirarraz jaso zuen nire ikerketaren berri, noski, baina ez zen fio. Ulergarria ere bada. Zimegile moduan bigarren planoan, itzalean egotea gustuko duzu, eta ez fokupean”. Azkenean, hitzak irudi bilakatzeko prozesua berez heldu zen. Azken finean, bi sortzaileak hizkuntza berean mintzo dira, eta zinemagintza zein zinemagilearen lana ulertu eta bizitzeko ikuspegi antzekoak dituzte. “Bion arteko lotura artistikoa erabatekoa izan zen” aitortu du Fresnedak. Dokumentalari bidea ematen dion galderari berriro erreparatuz gero, zalantza gutxi uzten ditu Fresnedaren gogoetak: “Mirentxu Loyarte aitzindaria izan zen, eta ez lehen emakume zinemagile euskalduna izan zelako soilik. Bere bi lanek, Irrintzi laburmetraiak (1978), eta Ikuska dokumentalak (1981), zinema esperimentala eta politikoa maisuki lantzen dute”. Espainiako Zinemagintza Zuzendaritzak kalitatearen sari berezi eman zion 1979an ‘Irrintzi’-ri, “egun pentsaezina litzatekeena”, gehitu du Fresnedak. Zergatia? “Lanaren abiapuntua politikoa da hasi eta buka, Euskal Herriak orduan jasaten zuen errepresio giroa salatzen du dantza eta egunerakotasunari loturiko irudiak uztartuz, Luis Iturriren testu bat oinarri hartuta. Begira La Pelota Vasca-rekin zer gertatu zen, eta Irrintzi baino askoz naif-agoa zen”. Karramarroen pare ez ote gabiltzan, atzeraka eta atzeraka. Zuzendari moduan ibilbide laburra izan zuen Loyartek. Ondoren etorri zen isiltasunak ez du zergati bat eta bakarra. “Testuinguru politiko eta sozialak ez zion batere lagundu. Emakumea, konprometitua eta askea. Askok ez zioten hori barkatu”. Zinemaren munduarekin harremana mantendu duen arren, ez da berriro kameren atzean jarri. “Bitxia da, baina Madrilen ez da orain arte ‘Irriantziaren oihartzuna’ ikusgai egon. Oro har, oso harrera ona izan du filmak. Suitza, Alemania, Brasil, Frantzia… Espainian ere bere ibilbidea izan du, baina Madrilen ez... Eta egia esan, ez dut uste kasualitatea denik. Alde batetik, euskarazko lana da, azpitituluak dituen arren, eta bestetik, badago Loyarteren lanek duten kutsu politiko nabarmena. Horrek, hainbat girotan, halako erretizentzi bat eragiten du “. Zaharrak berri, tamalez. Filmak izan duen ibilbide oparoaren errepasoa egiterako orduan, une bakar bat aukeratzekotan duda egiten du katu zinemagileak: “Agian Donostiako zinemaldian aurkeztu genuen unea. Nire lehen filma zen, eta Zinemaldian izango zuen harrerak gerora izan behar zuen ibilbidea markatuko zuen. Bertan oso kritika txarrak jasoz gero, akabo. Hori zen gure ustea. Kontrakoa gertatu zen. ‘Dirigido’ aldizkari espezializatuan, kasurako, Zinemaldiko film hautatuen artean sartu zuten. Laguntza izugarria izan zen”. Bigarren lan batean dabil murgilduta orain Fresneda, “dokumental itxurako road-movie-a, Euskal Herrian hasi eta Eskandinavian bukatzen dena”. ‘Irrintziaren oihartzunak’ izan duen arrakastak ez du bigarren lan hau baldintzatzen: “Badago erantzukizun puntu bat, baina egia esan ez dut horretan pentsatzen. Egunerokotasunari lotzen natzaio, eta momentuan momentukoa bizi dut. Etorri behar dena ikusteke dago”. Ez du kezkarako motibo handirik, noski. Azken finean, katua da. Katu zinemagilea. Lokatzetan Oihana Azkorbebeitia eta Barbara Pla. Kirolari eta ama. Euskal herritarra eta kataluniarra. Mendiko korrikalaria eta errugbi jokalaria. Garaipen zerrenda oparoaren jabe dira biak; bidean asko ibili izanaren ondorioz lortu dituzte lortu beharrekoak. Eta pausoz pauso korrika bat, kolpez kolpe bestea, lehia ondo zaila lehiatzen dabiltza, emakume, kirolari eta ama diren aldetik. Adinkideak dira ia-ia Oihana Azkorbebeitia eta Barbara Pla: 1981ekoa da euskal herritarra, 1983koa kataluniarra. Ez dira elkarrengandik oso aparte bizi: Abadiñon eta Getxon, hurrenez hurren. Baina ez zuten elkarren berri Harmailan eseri ditugun arte. Bada, ordea, lotura bat bien artean. Bat nagusia, eta hortik eratorriak besteak: emakume, ama eta kirolari dira biak, eta antzeko bizi esperientziak ari dira bizitzen; eta guztiaren gainetik, emakume izatearen harrotasuna zabaltzen dabiltza, oraindik ere ia ikusezin dituen gizarte molde honetan harrotu egin behar baitute halabeharrez, “hemen gaude” oihukatuz ozen. Lokatzetan ibiltzen dira biak, bat korrika mendian, eta errugbian bestea. Lokatz horretan eroso dabiltza, baina ez dute gogoko gizartea zikindua duen beste lokatz hori, genero ezberdintasunarena. Elkarrengandik kilometro mordoa zeudela ekin zioten kirol jardunari. Azkorbebeitiak sei urte zituenean ekin zion lasterka egiteari Abadiñoko eskolan, eta Plak baloi biribila astindu zuen obalatua esku artean izan aurretik: futbolari errugbilari baino lehen. Katalunian, jakina. Garai hartan konturatu zen gizartean bazela zerbait ondo ez zihoala. Umea zen oraindik baina... “Hamar urte nituen, eta areto futboleko eskolan eman nahi izan nuen izena, baina ezin, ez baitzen nesken talderik. Mutilekin jokatzen ez zidaten utzi, eta pare bat urtez lehiatu gabe egon nintzen. Gogorra izan zen, eta zerbait gertatzen ari zela hasi nintzen konturatzen”. Azkorbebeitiak berean segitzen zuen bitartean: korrika. Atletismoan murgildu zen, Durangoko Bidezabal taldean, Cristina Petite eta Isidoro Hernandez entrenatzaile zituela. Oraingo kirol jardueretan gerora murgildu ziren biak. Azkorbebeitiak ikasketak burutu eta gero ekin zion mendiak korrika egiteari: “Eneko Goenaga koinatua ibiltzen zen, eta harekin hasi nintzen. Esan zidan Izarraitz Mendi Lasterketan ateratzeko, 21 kilometroko lasterketan. Lau neska atera ginen, eta anbulantzian bukatu nuen”, gogoratu du. “Ohitu gabe nengoen hain lasterketa luzea egitera, lehen aldia nuen, eta jan-edana nola egin ez nekienez, lurrera ziplo erori nintzen bi kilometro falta zirela. Hala ere, bukatu egin nuen lasterketa, eta gero izan zen anbulantziarena”. Plak hemeretzi urterekin ezagutu zuen errugbi zelaietako lokatza: “Kirol Heziketako ikasketetan, errugbia zen ikasgai bat. Ez nuen ezagutzen, baina jokatzen hasi eta gustatu egin zitzaidan. Harritu ere egin nintzen zein ondo moldatu nintzen ikusita. Errugbian zebilen neska bat ezagutu nuen, eta hark esan zidan hasteko. Gaur arte”. Ezin esan erabaki okerrak hartu zituztenik mendi lasterketak eta errugbia aukeratzean. Biak ari dira osatzen garaipen zerrenda oparoa. Plarenean daude hainbat Liga txapelketa, eta haren hitzetan, denetan garrantzitsuena izan den hau: “7ko Europako Errugbi Txapelketa irabazi genuen 2010ean”. Duela bi urte eta erdiko Olinpiar Jokoetan jokatzea bera ere handia izan zela dio, nahiz eta sailkatze faseari eman dion garrantzia: “Guretzat izan zen azkeneko txartela, eta handia izan zen lorpena”. Azkorbebeitiari 51 garaipen azaltzen zaizkio, eta horietatik hamabost iaz lortu zituen: “Kontatu ere ez ditut egiten, egia esatera”, adierazi du. Ilusio handiena etxeko lasterketa irabazteak egin ziola gehitu du: “Anbotoko Bertikalean aurrena izatea eta errekorra eginez ederra izan zen niretzat”. Ez dira ase biak garaipen sorta horrekin, eta gehiagoren bila abiatuak dira, lanaren eta sakrifizioaren bidetik, beti egin izan duten bezala. Azkorbebeitiak Euskal Herriko lasterketak egingo ditu, ohitura duen moduan, eta baita Munduko Kopa ere: “Japonian hasiko da, Aste Santuan, eta urrira arte tartekatuko ditut lehiaketa honetako probak eta Euskal Herriko lasterketak”. Ez da oso ibilbide luzeak egin zalea, baina tokatuko omen zaio aurten halako bat osatzea: “Norvegian bada lasterketa bat, 55 kilometrokoa, Extreme mailakoa, Tromso herrian, eta han izango naiz. Kilian Jornetek egin du ibilbidea. Maratoia baino luzeagoak ez ditut egiten, baina hau egin egin beharko dut”. Luzera handiko ibilbidea Plak ere osatu nahiko luke, baina zeruan zehar hegan eginez: “Tokion (Japonia) dira hurrengo Olinpiar Jokoak, hemendik urte eta erdira, eta ea sailkatzea lortzen dugun. World Series izeneko txapelketan banatzen dira txartelak, eta lehiaketa horretako jokalari zaharrena naiz adinez”. Beste erronka handi bat ere badu lehenxeago: “7ko Europako Txapelketa berriz irabaztea gustatuko litzaidake. Urtero jokatzen da”. Amatasuna eta kirola Aurrera begirako horretan, badute biek kirol jarduna baino kontu garrantzitsuagorik. Ama dira, eta seme-alabek beste guztia baldintzatzen dute. Azkorbebeitiaren semeak Plaren alaba baino zaharragoak dira, eta talaiaren esperientziatik mintzo da euskal herritarra: “Garbi neukan ama izan nahi nuela, eta banekien erabaki horrek galarazi egingo zidala korrika egitea”. Baina lasai hartu zuen: “Itxaroten jakitea zen gauza, bai bainekien lasterketara itzuli egingo nintzela gero”. Horrela esanda erraza ematen du, baina badira zailtasun eta traba handiak: “Umeekin jakina da loa gutxitu egiten dela, eta haurdunaldiaren ondoren, gorputzean dena mugituta egoten da, eta ez da erraza lehengora itzultzea, baina lor daiteke, eta nik lortu dut”. Korrika egitea “ihesbide” bezala hartzen duela dio: “Ez naiz profesionala, ez dut entrenatzailerik, ez eta entrenamendu egutegi zehatzik, eta nahi dudanean joatean naiz mendira korrika egitera, eta ez badut nahi, ez naiz joaten”. Lasaitasun horrek eraginda, agian, lehia beste modu batera bizi du orain: “Fisikoki oso ondo nago, gorputzak ondo eman dio buelta, eta emozioen aldetik lehen baino hobeto nabil. Umeak izan baino lehen presio handia izaten nuen, baina orain lasaiago nabil. Iristea dut helburu. Bost eta hiru urteko semeak izaten ditut zain, eta elkarrekin egiten ditugu azken 50 metroak. Gozatu ederra hartzen dute amarekin batera lasterka helmugan sartzen”. Plaren alabak ia urtebete dauka, eta Azkorbebeitiaren esperientziarekin alderatuz, bada beste alde handi bat ere: Pla ez da inoiz erditu. “Bikoteak izan zuen alaba, eta ezberdina da gure kasua berearen aldean”. Onartu du nahiko zuela lehenago izan ama: “Ezinezkoa zen, ordea, errugbian izaten ditugun hainbeste bidaiarekin”. Bikotearekin hitz eginda zeukan 2016ko Olinpiar Jokoen ondoren Pla bera geratuko zela haurdun, baina kirolak zapuztu zien asmoa; zoritxarrak, zehatzago esanda: “Matrailezurra hautsi nuen Jokoen aurreko denboraldian, eta bi ebakuntza egin behar izan zizkidaten. Lehiara itzultzeko gogoa nuen, denbora luzez geldirik egon behar izan eta gero, eta bikoteak esan zuen bera geratuko zela haurdun”. Aldatu egin zaio bizitza Plari. Hala dio berak: “Alaba jaio berritan, kosta egin zitzaidan kirol jardunarekin uztartzea, neke fisiko handia nuelako”. Ez omen zaio oraindik neke hori joan: “Lo gaizki egiten dugu, eta nekatuta nabil. Horren eraginez, gorputza ahul samar daukat, eta lehengo aldean gehiago ari naiz gaixotzen”. Garbi asko esan du non hartzen duen atseden: “Espainiako selekzioarekin egiten ditugun egonaldietan berreskuratzen dut indarra”. Baina alaba urrun izan halakoetan: “Umerik gabe denbora luzez egotea gogorra egiten zait”. Azkorbebeitiaren kasuan, halakorik zer den ez daki: “Lasterketetara bikotea eta semeak ere etortzen dira. Denok joaten gara. Eskoziara joan izan gara, Italiara...Sekulako palizak hartzen ditugu bidean. Lasterketa den lekuan dela, furgoneta alokatzen dugu gidari eta guzti, eta umeak aspertu egiten dira, baina nahiago haiek alboan izatea etxean utzi eta neu bakarrik joatea baino”. Emakumea eta kirola Bakardadea badaki zer den emakume kirolariak. Bakarrik, ia inoren laguntza, babes eta esker oneko keinurik gabe aritzu behar hori. Ari da aldatzen egoera azkenaldian, eta onartu du hori Plak: “Lehen baino hobeto gaude”. Baina gizonezkoekin alderatuta, ezberdintasunak daudela ez du aipatu gabe utzi: “Gure garaipenek ez dute oihartzun handirik izaten hedabideetan. Gu munduko lau talde onenen artean sartu ginen, baina ez zitzaigun merezi genuen hainbesteko garrantzia eman. Telebistan, oso gutxitan azaltzen gara emakume kirolariak. Futbolarekin orain zerbait gehiago, baina beste gainontzean...”. Azkorbebeitiak egoera honen bi alderdiak bizi ditu: batetik, mendi lasterketetan, ez da emakumezko eta gizonezkoen arteko bereizketarik ikusten, eta alde horretatik ez du kexarik: “Gure kirola ez da profesionala, eta ez dut bereizketarik ikusi. Sarietan ere berdintasuna izaten da. Aparte dabilena Jornet da, baina ez gizonezkoa izateagatik, onena delako baizik. Telebistan ere, esango nuke emakumezkoak gehiago azaltzen garela gizonezkoak baino gure kirolaren emanaldietan”. Ontasun horien beste alderdian, baina, ikusten ditu ezberdintasunak emakumezkoen eta gizonezkoen artean: “Kirola tresna ona da hesiak hausteko, baina uste dut etxean hezi behar ditugula umeak horretara. Ematen du mutilentzat kirol batzuk daudela, eta neskentzat beste batzuk”. Plak ondorengoa gehitu dio solaskideak esandakoari: “Emakumeak errugbian jokatzea ona da, erakusteko guk ere egin ditzakegula ustez guretzat ez diren kirol horiek”. Etxeko jarrerari heldu dio Plak ere: “Ezagutzen ditut aita batzuk alaba eduki eta erabat konforme ez zeudenak, semea nahiago zutenak, futbolerako aukerak izateko. Neskek ezin dugu ala? Lehengoari helduta, hedabideetan emakumezkoen lorpenak albiste izaten hasten direnean, ikusiko dute aita horiek haien alabek ere edozein kiroletan irabaz dezaketela”. Kirola utzitakoan, zer? Azkorbebeitia profesionala ez den bezala, Pla errugbian jokatzetik bizi da: “Egunerokoari aurre egiteko hainbeste irabazten dut, baina kirola utzitakoan, lan munduan sartu beharko dut”. Hor ere zailtasun handiagoak dituzte emakumezkoek, eta kirolarien kasua ez da salbuespena. Oso gertutik bizi izan ditu beste jokalari batzuen egoerak: “Ezagutzen ditut INEF titulua dutenak eta kirolean jarduteko batere aukerarik izan ez dutenak. Beste esparru batzuetan ari dira saiatzen, oposaketak ateratzen eta abar. Gizonezko bat edo beste badira batere kirol ikasketarik gabe kirol munduko lanetan dabiltzanak”. Honela laburtu du egoera, zehatz bezain gordin: “Emakumeak erakutsi egin behar dugu gai garela, baina gizonei aukera ematen zaie”. Plak ez daki zer egingo duen errugbia uzterakoan, baina nahiko garbi dauka orain arte egindako sakrifizioak aski izan dituela: “Entrenatzaile izan naiteke, baina lotua da, etxetik kanpo ibili behar eta abar. Ez ditut orain utzi ditudan gauza asko berriz utzi nahi, eta ez da bakarrik alabarengatik. Lehen ere familian egoera zailak bizi izan behar ditut”. Azkorbebeitiak, aldiz, garbi dauka zer ez duen egingo: “Ez noa kirola uztera, ez behintzat gorputzari eragiteko moduan banaiz. Emaitza onena erlatiboa da, eta azkenean, lasterketak aukera ona dira autokarabana hartu eta hor zehar asteburu pasa joateko”. Euskal Herria, Katalunia, Espainia... Joaten den lekura joaten dela, Azkorbebeitiak oso garbi dauka ez dela izango Espainiako selekzioarekin lehiatzera: “Euskal herritarra naiz, eta bakoitzak aske izan behar du nahi duena egiteko. Inoiz ez dut lehiatuko Espainiarekin”. Euskal Herriko selekzioarekin joaten da, eta bakarrik joan izan denean ere, espainiartasun aztarna txikiena ere gainetik kendu izan du, behin Eskozian egin zuen bezala: “Espainiako bandera ipini zidaten zenbakian, eta ezabatu egin nuen, gainean ikurriña marraztuta. Beste behin, lasterketa bat irabazteagatik Espainiako selekzioarekin beste lasterketa batera joateko aukera eman zioten: “Helmuga zeharkatu eta segituan etorri zitzaizkidan aukera eskaintzera, eta han bertan eman nien ezezkoa”. Plak ere antzeko iritzia dauka, baina Espainiarekin jokatzen du. Honela azaldu du egoera: “Ez naiz espainiarra sentitzen. Kataluniarra naiz eta independentista. Baina goi mailan eta txapelketa handienak jokatzeko aukera bakarra Espainiako selekzioa da”. 2007an etorri zen Euskal Herrira, eta Euskal Selekzioarekin ere jokatu izan du, “uste baitut zauden lekuko selekzioarekin jokatu behar dela”. Euskal Selekzioak, baina, ezin du nazioarteko txapelketetan jokatu, ezta Kataluniakoak ere, eta bi kirolariak gatazka politikoaren inguruan hasi dira solasean. Plak eman du bere iritzia: “Kataluniako Proces delakoa harrotasunez bizi izan nuen. Gauzak ondo egin dira. Ikustea herri bat nola mugitzen den bere alde egiteko oso polita da. Pena ematen dit Espainia frankismoan kateatuta egotea, askatasuna kenduz jendeari. Independentismoak agerrarazi du zenbateko frankista den Espainia”. Azkorbebeitiak inbidia kutsuarekin begiratzen dio Kataluniari: “Hemen ezinezkoa da antzeko zerbait gertatzea. Handia egin dute kataluniarrek, eta ez dakit lortuko den inoiz ere, inor ez zaiolako joaten Espainiari kanpotik esatera ‘frankista nazkagarri batzuk zarete”. “Lehentasunen zerrendan, ikasketak lehenengo postuan daude” Luisa Ibarrola |Txirrindularia Iñaki Berastegi Lehengo aldiz Gabonak etxetik kanpo igaro ditu Luisa Ibarrola (Saratxo, Amurrio, Araba, 2000) ziklo-kroseko txirrindulariak. Belgikan egon da abenduaren 23tik urtarrilaren 2ra arte, Munduko Kopako lasterketa garrantzitsu batzuk lehiatzen. Bere lehendabiziko urtea da Delikia Ginestar talde profesionalean, eta baita unibertsitatean ere. Hori ez ezik, errepideko denboraldirako Bizkaia-Durango taldearekin sinatu du. Ziklo-krosean buru-belarri jarrita dago orain: “Elite mailan, Espainian, podiuma zapaltzeko gai ikusten naiz momentu hauetan”. Belgikara bidaiatu aurreko egunetan hitz egin dugu txirrindulari gaztearekin. Urte berean jauzia eman duzu talde profesional batera, eta, gainera, unibertsitatean hasi zara. Nola daramazu aldaketa hori? Ikasketekin uztartzea da zailena. Egunero saiatzen naiz gauzak ondo eramaten, eta lasterketak ez dauzkadanean, lan asko aurreratu edota atzeratutakoa egunean jartzen dut. Entrenatzeak ordu asko kentzen dizkit, eta ikasketek ere ordu asko eskatzen dute. Hala ere, lehentasunen zerrendan, ikasketak lehenengo postuan daude. Ez naiz profesionala, neoprofesionala agian. Entrenamendu bakoitzean hiru edo lau ordu aritzen naiz bizikletan. Eguraldi txarra egiten badu arrabola eta gimnasioa egiten ditut batzuetan. Txirrindularitza bukatzen denean ezer ez baldin badaukat ea zer egin behar dudan! Arratsaldeko ordu batean sartzen naiz klasera, eta egunero bostetan ateratzen. Kotxez joaten naiz, eta eskerrak, bestela are denbora gehiago beharko nukeelako. Iazkoarekin alderatuta, entrenatzeko modua aldatu da? Denbora gehiago daukat orain, eta zertxobait gehiago entrenatu dezaket. Goizean bizikleta egiten dut, eta arratsaldean, unibertsitatetik bueltatutakoan, korrika egitera edo gimnasiora joan naiteke. Taldeak zehazten dizu entrenamendua ala zure kabuz aritzen zara? Amurrioko Pablo Mas da nire entrenatzailea, eta berarekin antolatzen ditugu entrenamenduak. Ondoren, bere bitartez, taldearekin hobeto datorkidan egutegia antolatu eta zein lasterketetan parte hartu erabakitzen dugu. Berak entrenamendu zehatzak egiten dizkit. Irailean hasi nintzen aurtengo denboraldia prestatzen. Txirrindularitzan hamar urterekin hasi zinen. Baina aurretik, hipikan aritu zinen. Lagun bat nik animatuta hasi zen hipika probatzen. Txirrindularia zen, eta gero, alderantzizkoa gertatu zen, berak animatu ninduen probatzera. “Zuk entrenatu, eta agian, zerbait lortuko duzu” esaten zidan. Eta, azkenean, begira gauzak nola diren, bera hipikan geratu zen eta ni txirrindularitzan. Erabat utzita duzu hipika? Bai, bai. Asteburu guztietan ordu pare bat aritzen ginen. Etxetik gertu zegoen hipika eskolak hartzeko lekua. Tarteka, lehiaketa bat izaten genuen, zaldiarekin jauziak egin behar diren horietakoa. Txapelketaren bat edo beste irabazi nuen, baina hobeto moldatzen naiz txirrindularitzan. Hasieran, infantil mailara arte edo, bi gauzak egin nituen batera. Nire arreba eta ni joaten ginen hipikara, eta zaldi bana behar genuen. Nire gurasoek erabaki zuten bi zaldi ez zituztela erosiko. Nire lehengusua ere hipikan ibili zen gu hasi baino lehenago, eta horri jarraituta hasi ginen arreba eta biok. Nire arrebak oraindik zaldia badauka, baina ez du hipika egiten. Hortaz, hipika utzi gabe eta lagun batek animatuta, hasi zinen txirrindularitzan. Amurrioko txirrindularitza klubean sartu nintzen. Arabatik lasterketak egiten zituzten, asteburu batzuetan errepidean, eta beste batzuetan, mendiko bizikletarekin. Lehenengo lasterketa Araian egin nuela uste dut, eta bi edo hiru neska izango ginen. Hain gazte izanik, ez da duela hainbeste urte. Hasiera haietan lasterketaren bat edo beste irabazi zenuen? Mutilekin batera korritu nuenean, hasiera haietan lasterketaren bat irabazi nuen, bai. Nesken mailan ni normalean lehenengo izaten nintzen, baina esan dizudan bezala, nire kategorian oso neska gutxi zeuden. Beranduago, kadete mailan, ziklo-krosean, neska dezente gehiago ginen. Errepideko txirrindularitza eta mendiko bizikletarekin hasi zinen. Eta ziklo-krosa? Amurrioko klubak ez zuen kadete mailan nesken talderik. Orduan, Bizikleta.com taldearekin hitz egiten hasi nintzen, mendiko bizikletako lasterketak eta ziklo-krosa egiten zutelako. Probatzeko aholkatu zidaten, ziklo-krosa bereziki, eta gaur arte. Bizikleta.com. nolako taldea da? Online denda bat da taldeko babesle nagusia. Aguraingoa (Araba) da taldea. Ni nengoenean lau txirrindularik osatzen genuen taldea, talde txikia zen, baina oso ondo eramaten ginen guztiok. Lau urte eman ditut bertan, kadete mailan hasi eta iaz arte. Mendiko bizikletan zein ziklo-krosean, Espainiako 23 urtez azpiko txapelketak irabazi zenituen 2019an. Ez zen ezustea izan. Aurreko lasterketetan ikusten nuen maila izan nezakeela bi txapelketa garrantzitsu horiek irabazteko. Nazioarteko lasterketak ere egiten ziren, C1 eta C2 mailakoak, eta hor ikusten zen 23 urtez azpiko mailan, ni juniorra izanda, maila nahiko ona nuela. Lasterketa horiek ongi prestatu nituen, sasoi puntu onean joan nintzen, eta ondo atera zitzaizkidan. Mendiko bizikletari dagokionez, lasterketak ez nituen asko prestatu, azken denboraldian gehiago egon nintzelako errepidera begira. Bi edo hiru lasteketa bakarrik egin nituen arren, txapelketa irabaztea lortu nuen. Mendiko bizikleta eta ziklo-krosa oso ezberdinak dira, ezta? Ziklo-krosean, nagusiki, lokatzetan ibiltzen gara, eta mendiko bizikletan harrizko pista lehorragoetan lehiatzen gara. Ziklo-krosa zelaietan egiten da, larreetan, lursail batean eta mendiko bizikletak ez du horrekin zerikusirik. Lokatz arineko zirkuituak omen dira gehien gustatzen zaizkizunak. Ez dakit zergatik den, zehazki. Lokatza asko gustatzen zait, baina likidoagoa. Izan ere, apur bat lehorragoa den lokatz hori masa bat bezela geratzen da, pisu asko hartzen dugu, eta mugitzea kosta egiten da. Bihurgune gutxiko lasterketak eta zirkuituak gustatzen zaizkit, eta indarrez egin behar direnak ere bai. Hobeto moldatzen naiz, behintzat. Indar gehiago duena erosoago ibiltzen da. Delikia Ginestar taldean hasi zara aurten. Nabarituko zenuen aldaketa. Egitura eta material aldetik nabaritu dut. Laguntza gehiago daukat. Esaterako, lasterketetara goazenean mekanikoak eta laguntzaileak dauzkagu zazpi txirrindularirentzat: lau gizonezko eta hiru emakume. Guztiak joaten garenean bi mekaniko egoten dira gurekin, bi karabanatan. Izugarria da. Bizikleta.com-kin joaten nintzenean, elie mailako txirrindulari bat zegoen, eta, aldi berean, mekaniko lanak ere berak egiten zituen. Bi mekaniko taldearentzat izatea gauza bikaina da. Belgikako bidaia, adibidez, nola egon da antolatuta? Karabana bat hemendik abiatu zen, eta gu hegazkinez joan ginen. Guztiontzat etxe bat alokatuta izan genuen. Karabanan bizikletak joan ziren. Alokatutako etxean egin genuen egonaldi osoa, eta lasterketara joateko karabana erabili genuen. Materialari dagokionez, hiru bizikleta dauzkat ziklo-kroserako, taldeak eman dizkidanak. Eta errepideko denboraldirako, zer asmo duzu? Delikiak nesken errepideko taldea atera du, baina azkenean, eurek esan zidaten soilik ziklo-krosean aritzeko. Askatasuna eman didate errepidean beste talde batekin aritzeko, eta Bizkaia Durango taldean arituko naiz. Oraindik ez naiz eurekin egon. Agurtzane Elorriagarekin hitz egiten ari naiz martxoan hasteko, ziklo-krosa eta gero ez gelditzeko, Belgikako klasika batzuetan parte hartzeko. Probatzea izango da. Urte guztia lehiatzen, hainbat modalitatetan. Oporrak ere ezingo dituzu hartu. Ziklo-kros denboraldia hasi aurretik, Espainiako gazte mailako errepideko lasterketetan parte hartu nuen. 2018ko iraileko lehenengo hastean izan ziren lasterketa horiek. Horren ostean, bi aste egon nintzen bizikleta ukitu gabe, baina orduz geroztik gelditu gabe ibili eta ibiliko naiz. Errepidekoa, mendikoa eta ziklo-krosa uztartzea zaila da? Entrenamenduak antolatzeko, sasoia kudeatzeko, lasterketen egutegia zehazteko… Nik erraz kudeatzen ditut aldaketa horiek, ez dit arazorik sortzen. Egia da txipa aldatu behar dela, den-dena aldatu behar da, baina lortzen da hiru modalitateak ongi prestatzea. Argi dagoena da zu baino maila bat gorago dauden edo zaharragoak diren txirrindulariekin lehiatu izan zarela beti, eta postu onetan amaitu duzula. Euskal Herriko promesa handietako bat zara? Nik oraindik hori ez dut sumatzen [barrezka. Autografoak ez dizkidate eskatzen, argazki bat edo beste, agian bai. Orain neskak gehiago ateratzen dira errepidera entrenatzera, eta baita lasterketetara ere. Kadete mailan neska asko hasten dira txirrindularitzan. Hori bikaina da, baina jarraitu egin behar dute. Ziklo-krosean kadeteek badaukate euren mailako lasterketa, baina gazte mailakoek zuzenean elitekoekin korritu behar dute, eta jauzia erraldoia da. Hala ere, lasterketak egiten eta entrenatzen jarraitu behar dute, hori da garrantzitsuena. Zuri, baina, ez zaizu arraroa egiten goragokoekin lehiatzea. Ez zait zaila egiten, ez. Kadeteetatik gazte mailara pasatzea ez zitzaidan gogorra egin. Hori nire kasua da. Egia da, ikusi izan dudala jauzi hori egitea kostatu egiten zaiela neska batzuei, baina normala ere bada. Nola ikusten duzu zure maila nazioartean lehiatzeko? Espainia mailan nire kirol maila ez da txarra. Elite mailan podiuma egiteko gai ikusten dut egun nire burua. Espainian dauden bi elite mailako txirrindulari onenak, Aida Nuño eta Lucia Gonzalez, nazioarteko lasterketetan edo Munduko Kopako lasterketetan aurreneko hogei sailkatuen artean egoten dira normalean. Hortaz, epe motzean, nazioarteko top 20 horretan ikusten zara? Bai, hori espero dut. Munduko Kopetan maila erraldoia dago, eta bertan dauden 23 urtez azpiko txirrindulari asko bizikletarako bakarrik bizi dira, eguneko 24 orduak horri emanda. Zaila da. Belgikara joaten naizenean, agian espero baino hobeto ibiliko naiz. Bizi zaren lekuak zerikusia edo eragina izan du txirrindularitzan hastearekin? Entrenamenduak egiteko leku aproposa ematen du, adibidez. Nik esango nuke lekuarenak ez didala eragin kirol bat edo beste bat hautatzeko orduan. Aldapak dituen zelai bat bilatzen dut entrenamenduak eta serieak egiteko. Lursailak apurtuko dituzu. Aitarenak diren larreetan ibiltzen naiz gehienetan [barrezka]. Duela bi urte, zure mailan, Namurren (Herbehereak) lasterketa bat korritu zenuen. Zirkuituren bat bereziki gustatzen zaizu? Munduko kKpan, agian, gehien gustatzen zaidana Namur da, gogorra delako, zailtasuna baduelako, baina ez zailtasun teknikoa. Indarrez egin daitekeen lasterketa da. Euskal Herrian Igorre, Laudio eta Elorrio gustatzen zaizkit. Zure garaipen eta lorpenei esker, Saratxo ezaguna egingo duzu, mundu guztian ez bada, gutxienez, Euskal Herrian. Bai bai [barrezka]. Elkarrizketak egiten dizkidatenean Saratxo herria agertzen da, eta agian ni ez naiz konturatzen, baina herriko jendeak ikusten du herria geroz eta ezagunagoa egiten ari dela. Hemen betiko hiru katu gaude, eta gelditzen naute bizikletan ari naizenean. Familiak nola eramaten du beti goi mailako lasterketetan aritzea? Beti bizikleta gainean, ia astebururo kanpoan, azkeneko Gabonetan ere bai. Nik uste dut nahiko ondo eramaten dutela. Aitak jarraitzen nau bereziki, eta gainontzekoek ez dute paso egiten, baina ez dute hainbeste jarraitzen. Aita joan izan da nirekin, baina gehienetan bakarrik joaten naiz taldearekin. Beti taldearekin joateko ohitura izan dut. Hemengo lasterketetara bai, gehiago joan naiz aitarekin, eta irteeran taldearekin elkartu. Errepideko txirrindularitzak ez ezik, historikoki, ziklo-krosak ere sona handia izan du Euskal Herrian. Hortxe daude munduko txapelketak Tolosan, Beasaingo lasterketa eta abar luz bat. Orain, gutxinaka, berriz ere ziklo-krosari garrantzia eta ikusgarritasun handia ematen ari zaio. Duela lau urte ez zen entzun ere egiten. Nazioarte mailako lasterketak ere ateratzen dira, eta Euskal Herrira kanpotik ere etortzen dira. Bat-bateko gorakada bat ez da nabaritu, baina ikusten da zerbait piztu dela. Maika Brust “Etxean erakutsi dizkidaten balioak aurkitu ditut errugbian” Maika Brust (Arrosa, Nafarroa Beherea, 1994). Errugbiko jokalaria. Euskalduna eta euskal herritarra. ASB Baionako jokalaria, Frantziako Lehen mailan. Gorputz Hezkuntzako irakaslea Seaskan. Gorputzez sendoa da Maika Brust, eta lehen begi kolpean, ez da arrotz errugbiko jokalaria dela pentsatzea. Eta hala da, baina ez zen hala lehen. Izan ere, eskubaloian jokatzen zuen: “Irisarriko taldean aritzen nintzen”. Ikusi zuen Baionako entrenatzaileak egunen batean jokatzen, eta azkar ohartu zen Brusten ezaugarriez errugbian aritzeko: “Indarra ikusten zidaten, errugbilariaren gorputza daukat, eta nahi ninduten. Deitu egin zidan joateko errugbira, baina ezin, gurasoak laborariak izaki, ezin nindutelako Arrosatik Baionara ekarri aldi bat ala biz astean”. Ezekoa eman zion, beraz. Joan zen Brust unibertsitatera, eta han entsegatu zuen errugbian aurrenekoz. Han ere entrenatzaile batekin topo: “Garbi asko esan zidan ez banuen hurrengo denboraldian errugbian jokatzen, bonba jarriko zuela gure etxean. Hor hasi nintzen zinez pentsatzen errugbian hasteko, eta ASB Baionan taldean naiz orduz geroztik, ”. Laugarren sasoia ari da osatzen Baionako Neskekin (horrela deituak dira ASBkoak), eta oso gustura da kirol honetan: “Atzeman nuen talde kirol bat, eskubaloian arrunt galdu nuena. Klubak ez zion batere garrantziarik ematen nesken kirolari, eta azken urtean sobera disgustura ibili nintzen. Pentsatu nuen probatu behar nuela, eta ez bazitzaidan gustatzen berriz itzuliko nintzela eskubaloira”. Ez da itzuli, ez. Eta ez du ematen itzuliko denik, ez behintzat aldi batez: “Anitz atzeman dut ene burua errugbian. Ene ustez, nik baditut balio batzuk etxean ikasi ditudanak, eta hori bera atzeman dut errugbian. Horregatik maite dut. Arrunt etxean bezala naiz errugbian”. Ziurrenik ez da izango arrazoi sendoagorik kirol batean egoteko, emaitzez askoz harago. Balioen gaiari segika, errugbian diren horiek eta hainbatetan aipatuak izaten direnak zerrendat ditu: “Denak gara errespetatuak, taldekideak, aurkariak... Arazoren bat bada taldekideren batekin ez gara gibeletik joaten, beste kirol batzuetan gertatzen den bezala; zuzenean beregana joaten gara aipatzera. Gauza guztiak partekatzen ditugu errugbian, familian eta lagunekin bezala, eta ezin ahaztu besta ere balio garrantzitsua dela”. “Lehengo jokoa da emakumezkoen errugbian ikusten dena” Errugbia hor zen aspalditik, eta Brust gehiatu zitzaion egun batean. Errugbia eta Brust hor dira duela lau urtetik, eta gero eta emakumezko gehiago ari da gerturatzen errugbira. Indarra hartzen ari dela dio Brustek: “Geroz eta emakume gehiago ari gara jokatzen. Lapurdin eta ASB Baiona taldean, zehazki, anitz neska gabiltza. Bina talde dauzkagu gazte mailan eta helduetan. Miarritzen ere ari dira duela bizpahiru urtetik 7ko errugbia sustatzen. Zuberoan ere badabiltza, Mendikotan, hain zuzen”. Jokalari kopuruan ez ezik, ikusleena ere asko hazi da: “Partidak telebistaz botatzen dituzte orain, eta jendea ari da ohartzen nesken errugbia anitz garatu dela. Nahiago dute, gainera, batzuek neskena ikusi, zinez lehengo jokoa delako gurea”. Garai bateko errubgia dela zehaztu du: “Biziagoa da gizonezkoena baino, desbideraketa gehiago daude gurean, gibelekoek pase gehiago egiten dituzte, eta ez dira bortxaz sartzen defentsan; gehiago da aurkariari ihes egitea, eta gizonena, aldiz, gehiago da bestean bortxaz sartzea”. Ikusleak aipatzen hasita, beraien taldearen partidak ikustera sasoi honen hasieran zenbat jende joan zen aipatu du: “1.000 lagun ere bildu ziren gu ikustera”. Jokoaren bizitasuna, ikusleen emaria eta, jakina, Lehen Mailan egotea ASB Baiona osagarri apartak dira neska gazteak errugbira gerturatzeko: “Seinale ona da hemen inguruan taldeak sortzea, eta eragina dauka gu komunikabideetan azaltzeak. Begira, neska gazteek izar bezala hartzen gaituzte, eta ikasleek ere esaten didate ni bezala egin nahi dutela errugbian jokatu, eta galdetu egiten didate ea non hasi ahal diren”. Neska horien gurasoekin oroitu da Brust: “Beldur dira alabak errugbian hastearekin, eta egia erran, nire amak ere hala zuen, azken batean bortxazko kirola baita, baina bortxa zintzoa da, neurtua”. Itxaropenez begiratzen dio geroari, eta arrazoi sendo hau eman du: “Lizeoetan badira errugbi sekzioak, eta pixkanaka neskenak ere ari dira sortzen”. Beste kontu bat da gizartean nola dagoen ikusia emakumezkoen errugbia: “ Neskak ez dira goraipatzen, ez da nesken kirola bezala ikusten gizartean oraino, baina ari da garatzen pixkanaka”. “Galdegiten didate gaiztoagoa izateko jokoan” ASB Baionarekin batera, beste zazpi talde ari dira lehian Lehen Mailan, eta taldearen historian bigarren denboraldia izanik hau elitean, garbi da zein den helburua: “Mailari eutsi nahi diogu, eta eutsiko diogu”. Ez da Brusten adierazpen hori indar erakustaldi bat, baieztapena baino: “Ez da talderik jaitsiko sasoi honetan, datorren denboraldian hamasei taldeko liga izango baita”. Lasaitasuna ematen die horrek, jakina, baina ez dute azkena geratu nahi: “Hori da gure nahia, eta ea lortzen dugun sasoi amaiera honetan”. Onartu du alde handia dagoela maila gorenetik azpikoetara: “Arras ezberdina eta zailagoa da. Zeren eta jokoa fite azkarragoa da, eta kontaktuak bortitzagoak”. Aurkaria geratu behar horretan baduela zer ikasi aitortu du: “Zintzoegia naiz, ez bainaiz ematekoa, gibelean jokatu arren. Galdegiten didate gaiztoagoa izateko, baina ez dago nire baitan. Kolpe bat jotzen badidate ez naiz ohartzen, ez badit nahita jotzen, behintzat. Sobera zintzoa naiz”, bukatu du, barrezka. Taldeen maila onaz aritu da gero, eta bakoitzaren baliabideen eraginarekin lotu du: “Gure aurrean neska azkarragoak dauzkagu, gehiago entrenatzen direnak, eta guretzat zaila da aurre egitea”. Profesionaltasuna ere hizpide hartu du: “Gu ez gara ordainduak Baionan, lana dugu ondoan. Aldiz, beste talde batzuetan, Lille eta Montpellier kasurako, dirua edukitzen dute hilabete guziz, eta beste hainbat taldetan, partidak irabazteagatik jasotzen dute dirua sari bezala”. Baionaren filosofia beste bat dela gaineratu du: “Guk ez dugu deus, eta ezta eskatu ere egiten. Gu plazerrarentzat ari gara, eta horrela nahi dugu segi jokatzen, gure pasioa baita. Beharbada, horixe bera da gure taldearen indarra, lagunen artean ari baikara”. Lagunarte hori indartzeko onak izan ohi dira kanpoko partidetara autobusez egindako bidaiak, eta Baionakoek, halabeharrez, errepidez egiten dituzte beste hirietara bitarteko kilometroak: “Zaila egiten da autobusez joatea, partidaren egun berean ateratzen garelako, goizalean. Iritsi, aldatu eta jokatzera. Hotelik ordaintzeko dirurik ez delako egiten dugu horrela. Baina astelehen goizaldean heltzen gara etxera, eta segituan lanera joan behar izaten dugu”. Bi bidaia dituzte trenez sasoi osoan: “Pariserat joan ginen, eta Lillerat ere berdin joango gara, oso urrun delako. Hotela izan genuen Parisen, eta izango dugu Lillen ere”. Abioiaren aukera ere hor izan dela dio, baina... “Begiratu izan dugu hegazkinena, sobera fite egiteko, baina ezin da diruagatik”. “Taldea garatu bada euskal herrikoa delako izan da” Maika Brustek zainetan daramatza euskara eta Euskal Herria. Errugbia eta taldea ez ditu baztertuak horretan, eta gustura da euskaraz aritzeko taldekideak ere badituelako: “Maitane eta Saioa daude Hegoaldekoak, Elizondo eta Iruñekoak, eta euskaraz mintzatzen gara hirurok”. Baliteke besteren bat ere batzea laster solasaldi horietara: “Kanpotik etorri den jokalari bat euskara ikasten ari da, eta beste batek eskatu dizkio kurtsoko liburuak”. Pauso hori eman dutenerako Brusten bi taldekide horiek bada zerbait atzean: “Lehen, taktika guzia euskaraz zen, eta etorri zenean gibeleko jokalarien entrenatzailea, frantziarra bera, frantsesez hasi zen mintzatzen, eta nik galdetu nion oihuka ea zergatik aldatu zuen hizkuntza, taldeko ohitura bazen euskaraz ere egitea. Ordutik erdiz erdi egiten dugu, baina nik ez dut parte hartzen frantsesezko azalpenetan”. Euskara entzutearen kariaz, kanpokoei gogoa sartu zaie euskara ikasteko, eta harro da horretaz Brust. Harro den bezala ASB Baionako lehengo jokalariek taldea eta herrigintza uztartzen eginiko lanaz: “Badakit nor ari zen lehen taldean jokatzen, eta saiatzen naiz haien bidetik segitzen, arrunt abertzaleak baitira haiek, eta badakit haiei esker gauza anitz garatu direla taldearen barruan. Garbi dut taldea hainbeste garatu bada Euskal Herrikoa delako izan dela”. Kirola eta herrigintza loturik ikusten baititu: “Herri bezala dauzkagun balioak hemen irauten badute lehengo jokalari haiei esker da”. Haien bideari jarraiki ari da Brust, eta ibilbide horretan, ezinbestean, selekzioen gaia azaldu zaio parera. Espainiakoarekin joka dezake amatxik naziotasun hori duelako, eta Frantziak ere deitu ahal dio, jakina. Baina bere hautua garbia da: “Ni euskalduna naiz eta Euskal Herrikoa, eta euskal selekzioak gehiago balio du niretzat”. Behin deitua izan zen Espainiakotik, baina “ez nintzen joan, lana ezin nuelako utzi”. Aitortzen du sekulako esperientzia behar duela izan selekzioen txapelketak jokatzea, baina horren gainetik oso garden esan du berriz ere: “Ez naiz frantsesa, ez espainiarra, ni euskalduna naiz”. Jokatu izan du Euskal Selekzioarekin, eta hori kontatu aurretik, zehaztu egin du nola dagoen Selekzioaren gaia: “Bi daude. Batean jokatzeko espainiar naziotasuna ukan behar duzu, eta bestean aritzeko, aldiz, ez. Ni bigarrenean jokatua naiz, eta gogoan dut gure taldeko hamar jokalari joan ginela. Baina Frantzia erdialdekoak ziren beste batzuk, eta Frantziaren aurka zenez partida, Frantziako ereserkia abesten hasi ziren, nahiz eta aurkari izan partida horretan. Ez zuten batere maite gure selekzioa, eta pixka bat gaizki begiratu nien”. Jean Michel Gonzalez, Baionako nesken maisu ASB Baionako jokalariek badaukate norekin ikasi, Jean Michel Gonzalez ‘Gonzo’ baitute entrenatzaile. Euskal Herriak eman duen errugbi jokalari onenetarikoa, bere garaian Baionan eta Miarritzen jokalari izana, eta Frantziako selekzioarekin hainbat partida eta txapelketa jokaturikoa. Frantziako txapeldun bi aldiz izan zen (2002an eta 2005ean), eta Kopa behin irabazi zuen (2000). Entrenatzaile lanetan, Aviron Baionan, Miarritzen eta Frantziako emakumezkoen selekzioan aritua da, eta azken hauekin Sei Nazioen txapelketa irabazi zuen duela bi urte. Baionako Neskekin Bigarren Mailako liga bereganatu zuen iaz. Maika Brusten ustez, “Gonzalez ez da edozein, eta ziur naiz bere jakintzak eta esperientziak lagunduko digula”. Berarekin ikasten ari dela dio: “Anitz ari gara ikasten, eta ongi da”. Nolako entrenatzailea den ere azaldu du: “Arrunt sinplea da, eta ez zaio gustatzen jokalariek ezberdin begiratzea errugbiko izar bat izan delako”. “Atletismoa ez dut inoiz bizitzeko modu bat bezala ulertu” Maitane Melero Lacasia|Ingeniaria eta atleta Enpresa bateko kalitate kontrolean lan egiten duen ingeniaria da Maitane Melero (Iruñea, 1983). Atleta ere bada, azken urteetan garaipen handiak lortu dituena, baina ez da horretatik bizi. Ez du inoiz benetan aukera hori izan, eta berak ere ez du bide hori hartu nahi izan. Ama izan zen 2016ko urtarrilean, eta erditu ostean lehiaketara itzultzea kostako zitzaiola iruditzen zitzaion arren, haurdunaldiaren ondoren lortu ditu kirol ibilbideko garaipen edo emaitza entzutetsuenak. Ez da kasualitatea izan: “Ilai jaio aurretik, entrenamendu txar bat egin ostean burumakur joaten nintzen etxera. Orain, lehentasunak erabat aldatu zaizkit, garrantzitsuena etxean daukat, eta horrek lasaitasuna eman dit lehiaketak prestatzeko”. Tokio 2020 oso urrun ikusten du, berak nahikoa lan duelako hurrengo egunean dituen betebehar guztiak antolatu eta duen eguneko plana erabat betetzeko. ‘Uztartu’. Ikasketekin, lanarekin, amatasunarekin eta beste mila gauzekin. Maitane Melerori buruz hitz egiten dugunean hitz hori etortzen zaigu burura. Atzera begiratzen dudan bakoitzean jabetzen naiz atletismoa zenbat gauzekin uztartu behar izan dudan. Ez dakit nola izan naizen gai hainbeste gauza egin eta atletismoarekin jarraitzeko. Unibertsitatean nengoenean, Gobernuz Kanpoko Erakunde batean ere ibili nintzen, eta hau ere, uztartu egiten nuen, atletismoarekin. Orain ere uztartu hitza oso presente dago nire egunerokotasunean. Zein eratara eman zenuen laguntza GKE horretan? Mugarik gabeko ingeniaritza zuen izena, eta hemengo GKE bat zen. Nire lizentziatura amaierako lana egiteko proiektua izan zen. Argentinako zonalde batean oso egoera kaskarrean bizi ziren, argindarrik eta horniduratik gabe, eta nik ikerketa bat egin nuen egoera hari nola buelta eman jakiteko. Gaztandegi bat zuten eremu hartan, baina argindarrik ez. Zehazki nire lana hau izan zen: gaztandegi hartara argindarra eramatea. Instalazio fotovoltaiko bat diseinatu nuen. Nafarroara bueltan, gobernuak diru laguntza eman zigun bat egitasmo hori martxan jartzeko. Oso polita izan zen esperientzia, faltan botatzen dut GKE batean laguntzea, baina ez daukat denborarik. Ordurako, zenbat urte zeneramatzan atletismoan? Beti egon naiz atletismoarekin lotuta, baina korrikan 11 urterekin edo hasiko nintzen. Zaletasuna, egia esan, ez dakit nondik heldu zaidan. Orain 35 urte ditut. Ez da etxean jaso edo ikusi dudan zerbait izan. Justu kontrakoa gertatu zen, ni korrikan hasi ondoren nire aitari harra sartu zitzaion, baina ez gara batera joaten korrika egitera, aitak esaten didalako berarentzat azkarregi noala [barrezka]. Nire arreba ere hasi zen korrika. Betidanik gustatu izan zait, baina Gorputz Hezkuntzako irakasle batek gurasoei korrika egiteko aproposa nintzela esan zienean sartu nintzen lehen aldiz talde batean. Arrosadian bizi nintzen, baina nire eskolan ez zegoen atletismo taldea. Etxetik gertu dagoen beste eskola bateko taldean hasi nintzen, baina urtebete egin ondoan taldea desagertu egin zen, eta beste batera joan behar izan nuen. Astean hirutan entrenatzen genuen, eta hau ere etxetik gertu. Hainbat taldetan ibili naiz, gaur arte. Zaletasuna nondik heldu zaizun ez dakizu. Telebistan lasterketak ikusten zenituen? Korrikalariren bat edo beste ere gustatuko zitzaizun, agian. Ikustea gustatzen zait, baina ez naiz oso jarraitzaile sutsua. Txapelketaren bat ez badut ikusten ez zait inporta. Natalia Rodriguez zen nire erreferentea, ni hasi nintzenean. Ni baino lau urte zaharragoa da. Gogoan dut, lasterketa garrantzitsu batean, bat egin genuela, eta ez nekiela beroketa ariketei ekin edo autografoak eskatzen hasi behar nuen. Orain, zuri eskatuko dizkizute autografoak. Ez pentsa [barrezka]. Horretan, atletismoak ez dauka beste kirol batzuekin antzik. Atletismoaren barruan, korrika bai, baina distantzia askotan? Ez hori bakarrik, jauzian ere aritzen nintzen. Korrikari dagokionez, hasieran uste nuen azkarra nintzela. Abiaduran murgildu nintzen, baina gero ikusi nuen hobeto moldatzen nintzela iraupen luzeetan eta erdi luzeetan, eta egokiagoa nintzela beste mota bateko ahaleginetarako. Duela 15 urte, bi urte Pamplona Atletico taldean aritu ondoren, egungo nire taldean, Ardoi taldera joan nintzen. Patxi Morentin, nire entrenatzailea, orduan ezagutu nuen. Atletismoak duen gauza onetako bat da taldeko entrenatzailea eta zure entrenatzailea izan ahal dituzula. Eta gainera, taldeen artean arazorik egoten ez denez normalean, taldez aldatzen baduzu ere zure entrenamenduetako taldea mantendu dezakezu. Patxi Morentin. Pertsona oso garrantzitsua zure ibilbidean. Zerbait berezia emango zizun berarekin hainbeste urte egoteko, ezta. Entrenatzaile bikaina izateaz gain, oso pertsona ulerkorra aurkitu nuen. Entrenatzailea, psikologoa eta laguna. Nire bigarren aita izango balitz bezala da. Entrenatzaile batekin duzun harremana oso garrantzitsua da atletarentzat, berak zure izaera ulertu behar du, eta zuk berea. Gainera, hainbeste urte elkarrekin egotea ez da batere normala, gauzak ondo ez doazenean atleta askoren lehendabiziko erabakietako bat izaten baita entrenatzailez aldatzea. Niri ez zait hori burutik pasatu ere egin. Atleta eta pertsona bezala ezagutzen duzuen egungo Maitane Melero hau Patxiri esker ere bada. Hamaika urterekin hasi zinen atletismoan, eta 24 daramatzazu. Hasiera hartan, garaipenak bigarren maila batean egongo ziren. Alabaina, lortu duzun guztia lortzeko mentalitatea ere aldatuko zenuen noizbait, ezta? Nire pentsatzeko eta atletismoarekiko ikuspuntua ez da aldatu. Inertziaz egin dut aurrera. Atletismoa ez dut inoiz bizitzeko modu bat bezala ulertu. Nire buruari ez dizkiot inoiz helburu handiak jarri, “marka hau egin edo lasterketa hori irabazi behar dut”. Ibilbideari erreparatzen badiozu, batzuetan ni neu ere harritzen naiz. Nik ere lan handia egin dut, baina ez naiz beste atleta batzuk bezalakoa, ez naiz atletismoan %100 murgilduta dauden horietarikoa, eta dudan biziagatik ezin dut horretan pentsatu ere egin. Nik egun bakoitzaz gozatzen dut, lagunak egiteko balio dit, eta nire lanak sortzen didan estresetik ihes egiteko modu eraginkorra ere bada. Hortaz, hamaika urte zituen Maitane harekin antzekotasun asko ditu 2018ko Maitanek. Aldatu naiz. Lehen askoz ere gehiago azaleratzen nituen nire sentimenduak, gehiagotan haserretzen nintzen entrenamendu edo lasterketa bat gaizki egin ondoan. Urduria nintzen, eta gogoek pasada txarrak ematen zizkidaten lehiatzen nuenean. Urduritasuna hobeto kudeatzen ikasi dut, eta lasterketa luzeetan hobeto neurtzen ere bai. Horrekin ulertzen dut orain, irabazteko gogoak direla eta, lehenengo lasterketa nahi baino okerrago atera zitzaizula. Burlatako Krosaz beti asko oroitzen naiz. Eroen pare atera nintzen korrika egitera, lasterketaren azken zatian erabat hustu nintzen, eta hala ere, laugarren amaitu nuen. Irabazteko grina ez da desagertu hasi nintzenetik, hori seguru ezetz. Gauzak ahalik eta hobekien egitea gustatzen zait, daukadan guztia ematea. Nire buruarekiko eskaera oso altua da. Entrenatzaileak eskatzen duenaz gain, bakoitzak bere buruari ahal duen guztia eskatu eta lortzea, hori ere ezinbestekoa edozein kirolarirentzat. Hori gabe ezinezkoa da emaitzak lortzea eta zure buruarekin gustura geratzea. Kirol batean nabarmentzea nahi baduzu, dena eman behar duzu zentzu guztietan: prestakuntza fisikoan, atsedena hartzen, psikologian eta beste kontu txiki askotan. Hori gabe, ezin zara txapelduna izan. Badaude dohain ikaragarriak dituztenak, baina txapeldun izaera falta zaien kirolari asko. Irabazteko grina hori gabe, gogorik eta guk hemen esaten diogun garra hori gabe ez zoaz inora. ‘Garra’ hori berezkoa duzu, eta pentsatzeko era ez zaizu aldatu, argi dago. Fisikoki, baina, garapen handia izango zenuen hasi zinenetik gaur arte. Garapen normala izan da nirea. Berezko ezaugarri batzuk behar dira, jakina, genetika on bat ezinbestekoa da, eta horri urte askoren ondoren egindako lan gogorra gehitu behar diozu. Dena den, erabakigarriena, agian, distantzia aldaketa izan da. Berezko zerbait izan da. Urteekin txispa eta abiadura galtzen dituzu, eta lasterketa luzeagoetara, ez hain azkarretara hobeto moldatzen hasten zara. Gehien gustatu izan zaidan proba beti 1.500 metroetakoa izan da, baina duela pare bat urte 5.000 metroetan parte hartzen hasi nintzen. Proba hori prestatzen eta lehiatzen hasi nintzen lehendabiziko urtean, Espainiako Txapelketan bigarren geratu nintzen. Eta orain, ikusi dut, agian tematu egin nintzela 1.500 metroko probarekin; proba gustatzen zitzaidan, baina seguruenik ez zen hobekien zetorkidana. Krosak ere ez zaizkit gustatzen, lokatzetan korrika egite hori, baina nazioartean lehiatzeko lehendabiziko aukera krosaren bitartez lortu nuen. Azkenik, noski, 10.000 metroak daude. Europako Txapelketan, Berlinen, 9. Postuan amaitu nuen. Ez nuen inoiz pentsatzen luzera horretako proba batean hain ongi moldatuko nintzenik. Gorengo mailan lehiatzeko aukera eman dit distantzia horrek, eta dena birplanteatu behar izan dut. Urte askoren ondoren, lana fruituak ematen hasi zen, baina ez agian zuk espero zenuen distantzian. Distantzia aldaketa erabakigarria izan da nire ibilbidean. Salamancan (Espainia) 3.000 metroetan, estalitako pistan, brontzea lortu nuen. Ez nuen sinesten, lasterketa oso kontserbadorea egin nuelako. Hortik aurrera ikusi nuen aurrekoen artean muturra sar nezakeela. Ez nekien kasualitatea zen edo ez. Baina Berlinen emaitza hori lortuta erakutsi nuen ez zela kasualitatea izan. Pixkanaka lorpen handiagoetan pentsatzen hasi nintzen, nazioarteko lasterketetan parte hartzeko nituen aukeretan, eta 2018a nire urtea izan zen: hiru aldiz hartu nuen parte nazioarteko lasterketetan, Berlingo Europako Txapelketa barne. Berlin, olinpiar estadioa. Leku paregabea 10.000 metroetan, lehen aldiz, Europako Txapelketa lehiatzeko, pista horrek duen zeresan historikoa dela eta. Zenbat oroitzapen ditudan. Izugarria izan zen, oso berezia, ez zait inoiz ahaztuko. Txapelketan parte hartu behar zuten korrikalari guztien artean, 21. markarik onena zen nirea, eta bederatzigarren amaitu nuen. Lasterketaren aurreko egunetan nire logelako kidearekin hitz egiten nuen, eta esaten nion: “Ez dut nahi inork ni doblatu eta azkena geratzea nahi, mesedez”. Baldintzak ere oso gogorrak ziren, 33 gradu egiten zituen, eta hezetasuna ere oso altua zen. Euria egin zuen arren, ez zuen freskatzeko balio izan. Neska asko erretiratu ziren baldintzengatik, baina niri ez zitzaidan burutik pasatu ere egin, eta azkenean, nire marka onenetik gertu geratu nintzen. Neukan guztia eman behar nuen behin hor egonda, pista gainean azken unera arte sufritu, erraiak bota. Dena eman nuen, eta badaude hori erakusten duten argazkiak [barrezka]; helmuga zeharkatu ondoren, lurrera bota nintzen. Norekin gogoratzen da bat horrelako lasterketa garrantzitsuan helmuga zeharkatzen duenean? Egia aitortzearren, nire entrenatzailearekin oroitu nintzen. Lana dela eta, ezin izan zuen Berlinera bidaiatu, eta marra pasatu bezain pronto, Patxi etorri zitzaidan burura: egindako lan guztia, sufrimendua, eta orain, fruituak, emaitzak. Oso une berezia izan zen niretzat. Ilusio handia zuen lasterketa harekin. Pena izan zen hark bertatik bertara lasterketa ezin jarraitu izana. Faborito izan gabe, Londresen bederatzigarren amaitu zenuen. Orain, beste era batera ikusiko zaituzte gertuagoko lasterketan zure aurkariek. Nabaritzen duzu presio hori? Getafeko lasterketan (Espainia) nabaritu nuen lehenengo aldiz hori. Gehiago begiratzen didate aurkariek, begiradak niregan jarrita baleude bezala sentitu nuen. Hala ere, ez dut arlo psikologikoa gehiegi lantzen. Benetako presioa nik egunerokotasunean, lanean daukat; aerogeneradoreek ongi funtzionatzea, hori da nire benetako kezka. Korrika egitea nire zaletasuna baino ez da. Noizbait pasatuko zitzaizun burutik korrikan erabat murgiltzea, ezta? Benetan, korrikalari profesionala izatea. Momentu hauetan ezin dut. Ez dut gezurrik esango, noizbait planteatu izan dut, galdetu izan diot nire buruari zer egiteko gai izango nintzen egun osoa korrika egin eta entrenatzeari emango banio. Momentuz, ordea, ez da gauzagarria den zerbait. Niri jaten lanak ematen dit, eta ez dut lanpostua galdu nahi. Gainera, lanean nahiko errespetatzen didate nire egoera berezia, ama izan eta goi mailan korrika egitea, baina noizbait ere hasi beharko dut garai batean bezala berriro ere laneko bidaietan parte hartzen. Gustatuko litzaidake jakitea noraino iritsi naitekeen atletismoan, baina orain arte egin dudanarekin oso pozik eta harro nago. Hemendik aurrera lortzen dudan guztia ongi etorria izango da. Dena den, atleta eta kirolari gehienek bezala, Tokio 2020ko Olinpiar Jokoak izango dituzu buruan. Ez pentsa. Erantzun hori ematen duen gutxienetako bat edo bakarra izango zara. Nire egunerokotasunak ez dit baimentzen ideia hori, orain, buruan izatea. Daukadan bizitza motarekin pausoz pauso noa, pauso txikiak emanez. Nire arazoetako bat hori izan daiteke: ez dut inoiz benetan sinetsi garaipen edo emaitza handiak lortzeko gai naizela. Momentu hauetan kostatu egiten zait anbizio altu hori mantentzea. Ez dut atletismoaren aldeko apustu serio bat egin, beti nire onena ematen dut, baina ez da gauza berbera. Hurrengo lasterketa nire ibilbideko azkena izan daiteke, horrek estutzera eramaten nau, baina ez naiz profesionala, beste asko bezala. Horrenbestez, noiz arte korrika egiteko gogoa duzun galdetzen badizut, erantzunik ez duzu izango. Gogoak bide batetik doaz, eta aukerak izatea beste batetik. Jarraitzeko gogo handia daukat, eta bikaina izango litzateke Tokio 2020ra oraingo egoera fisikoan iristea, baina ezin dut baieztatu. Gainera, geroz eta gehiago kostatzen zait ordu zehatz batzuetan entrenamenduak egitea. Aurrera joan ahala erabakiko dut. Argi dagoena da zure emaitzarik onenak, azken hiru urteetan lortu dituzula, ama izan eta gero. Ilai jaio aurretik, entrenamendu txar bat egin ondoren, burumakur joaten nintzen etxera. Orain, lehentasunak erabat aldatu zaizkit, garrantzitsuena etxean daukat, eta horrek lasaitasuna eman dit lehiaketak prestatzeko. Gogoratzen naiz, Ilai jaio eta gero, Patxiri esan niola ez nekiela urte hartan zer egingo nuen. Entrenamenduetara-eta ahal nuenean azalduko nintzela egin nion promes. Nire bikotearekin adostu genuen, egunero, bakoitzak bere gauzak egiteko ordubete izango zuela. Nik ordubete hori korrika egiteko aprobetxatu nuen, eta lanean ordutegia murriztu eta ez bidaiatzeko eskaera errespetatu zidatela kontuan hartuta, jarraitutasun bat lortu nuen. Korrika egiten dudanean ez dut ezertan pentsatzen, oinekin nola zapaldu soilik. Disfrutatu egiten dut, eta pilak kargatuta bueltatzen naiz etxera. Asteko egun batean atseden hartzen dut, baina normalean, beste mota batetako hitzorduak direla eta, bigarren egun batean ere aste askotan egiten dut kale. Aste on bat sei entrenamenduko astea izaten da. Nire bikoteak esaten zidan urte hartan 1.500eko Espainiako Txapelketako finalera iritsiko nintzela, baina nik esaten nion erotuta zegoela. Arrazoi zuen. Erditu eta lau hilabetera, finalean sartzeko gutxiengo maila lortu nuen, eta sei hilabeteren buruan finalean zortzigarren amaitu nuen, nire marka pertsonala ia berdinduz. Oso azkar errekuperatu nintzen. Entrenamenduetan jarraitutasun bat mantentzeko dituzun zailtasunak direla eta, inoiz arazorik izan duzu? Bai. Entrenamendu astea ona izan ez denean, hurrengo astean berreskuratu nahi izatea eta gehiegi entrenatzea gertatu izan zait. Entrenatzen dudanean, dugun sistema dela eta, denborei baino pultsometroari erreparatzen diot. Marra edo maila gorri batzuk markatuta dauzkat. Baina behin gainditu egin nituen, eta medikuari onartu behar izan nion egindako akatsa. Astebete eman behar izan nuen entrenatu gabe, lasai etxean errekuperatzen. Haurdun zenuela jakin zenuenean, korrika egiteai erabat utzi zenion? Medikuarengana joan nintzen, eta apur bat galduta zegoela ikusi nuen. Kasua aztertuko zuela esan zidan arren, beldur apur bat sartu zitzaidan, eta entrenamenduak erabat uztea erabaki nuen, arriskurik ez hartzeko. Haurdun daudenentzako pilates klaseetan eman nuen izena, eta beste mota bateko ariketak egiten nituen, baina korrika ez. Horren ordez, entrenatzen leku berean ibiltzen hasi nintzen, paseotxoak emanez. Ingeleseko klaseetan berriz izena emateko ere aprobetxatu nuen [barrezka]. Nola moldatzen zarete zu eta zure bikotea nazioarteko lasterketan parte hartu duzuenean? Eromena izan da. Izan ere, Espainiako selekzioarekin kanpora joan naizenean, bikotea eta semea ezin izan dira nire hotel berean egon, eta abioi berean ere ezin izan zuten bidaiatu. Hiri berean egon izan dira, baina beste hotel batean, eta gastu horiei ere guk egiten diegu aurre. Taldearekin lehiatzen dugunean ez dago horrelako arazorik. Aitona- amonen laguntza ere badugu, baina saiatzen gara haiek haurraz goza dezaten. Hasiko da haurra eskolan, eta beranduago aterako denez, horrek agian aukera gehiago emango dizkigu ordutegiak uztartzeko. Orain, egunez egun antolatzen gara. Niri asteko plana egitea gustatuko litzaidake, baina ezinezkoa da. Denboraldi-aurrea hasi baino ez duzue egin. Nola izan da atsedenaren ondoren berriz ere entrenatzen hastea? Asko kostatu zait berriro ere hastea, hiru aste entrenatu gabe egon ondoan. Ez dut helburu garbirik, egoeraren arabera erabakiko dut. Hori bai, denboraldi ona egin nahi dut, iazkoa bezalakoa, krosak egin, lehiatu behintzat. Estalitako pistan gehiago aritzea ere buruan daukat. Nire betiko entrenamendu taldea 19.30ak aldera etortzen da Ziudadela inguru honetara, baina nik aurten ahal dudanean entrenatuko dut. Atletismoaren gauza onetako bat da bakarrik edo edozeinekin entrenatu dezakezula, eta batzuetan korrikalari batzuek nire entrenamendu berberak egiten dituzte, batera ibili ahal izateko. Egun bakoitza eromena da, batzuetan haurra siestan dagoenean aprobetxatzen dut entrenatzera etortzeko. Ez dakit bizitza erritmo hau noiz arte luzatu ahal izango dudan. Maite Maiora Elizondo, Mendiko lasterkaria — Nekatuta nago, zenbateko tartea daukat lehenengo neskarekiko? — Lasai Maite, oraindik kilometro asko falta dira, eta oso-osorik zaude. Eutsi buruari, buelta emango diozu! — Bai? Bale. Eskerrik asko! Mont Blanc-eko ultra trailean izan genuen elkarrizketa hori, iaz, 100 kilometroko proban. Gaztetatik ezagutzen dut Maite, institutuan ez ginen urruti ibili, eta geroago, gure amaren jantzi-dendan ere aritu zen lanean, saltzaile. Kolore biziz janzten zen neska bizizale hura gailurraren gailurrean ikusiko nuenik... sinesteko ere! Munduko mendi lasterkari onena dela diote, eta tituluek ere hala baieztatzen dute. Lasterkari bikainaren gainetik, oinarrian dagoen pertsona umila azpimarratuko nuke nik; nirekin bederen, beti bezain gertuko aritu da. Chamonixeko helmugara iritsi zenean, eskerrak eman zizkigun lasterketan laguntzen aritu ginen guztioi. Nik berari eman nahi dizkiot eskerrak, emakume mendizale, langile eta borrokalaria den neurrian, askoren eredu delako. Gertutik segitzen ditut Maiteren lorpenak, eta lasterketez, mendiaz, argazkiez galdetu diot elkarrizketa honetan. Beste hainbat gauzari buruz ere bai. Ordu eta erdiz ibili gara kontu-kontari, mendian bezala, aspertu gabe aspertzeraino. Nor da Maite Maiora? Maite Maiora Elizondo Mendaroko harakinaren alaba da, hiru anai-arrebetan gazteena. Herri txiki bateko biztanlea eta neska normal bat. Nondik datorkizu mendizaletasuna? Gure etxeko kultura beti izan da oso euskalduna, mendizalea ere bai. Mendi garairik igo gabe, baina, gure adineko euskal familia askotan bezala, gure etxean ere igandeetan ohikoa zen Urbiara edo Xoxotera igotzea. Niri neroni betidanik gustatu izan zait mendia, hondartza baino gehiago. Elurra ere asko gustatzen zait. Etxean ez dira oso elur zaleak izan baina ni bai, gaztetan elurretako posterrak neuzkan gelan itsatsita. Noiz eta nola hasi zinen korrika? Gure etxean beti izan gara kirol zaleak, jarduteko zein ikusteko, eta bereziki korrikazaleak. Anaietako bat gazterik hasi zen korrika, 13-14 urterekin, eta gurasoek beti lagundu izan diote zaletasun horretan. Gogoan daukat anaia ikusten nuela eta inbidia ematen zidala, eta pixkanaka ni ere hasi nintzen. Erdi ezkutuan hasi nintzen korrika, lotsa ematen zidan oso poliki nindoan eta. Korrika egitea gauza erraza dirudi, baina sekula korrika egin ez duen norbaitentzat bi kilometro jarraian egitea ez da txantxa. Atera kontuak, kilometro bat egiteko 6-7 minutu behar badira, guztira 15 minutu egin behar dira korrika segidan, eta bada zerbait. Eta niretzat ere hala zen. 24 bat urte neuzkan orduan. Nahiko berandu hasi nintzen. Korrika egitea gauza bat da, ordea, eta oso bestelakoa lasterketak egitea. Bai! Gogoan daukat behin Donostiako maratoira lagundu niola anaiari eta inbidia eman zidan. Neska pila bat ikusi nituen korrika eta hauxe pentsatu nuen: “Hauek gai badira, ni zergatik ez?” Egunen batean nik ere maratoia egin nahi nuela erabaki nuen orduan. Hasieratik goian jarri nuen langa! (barrez) Beti gustatu zait denean hobetzea eta korrika ere hobetu nahi nuenez, azkenean, helburu bat jartzea zen onena, entrenatzeko aitzakia izateko. 2010. urtean Gasteizko maratoi erdia ordu eta erdian amaitzea jarri nuen helburu, eta orduan hasi nintzen prestatzailearekin lanean, Etor Mendiarekin. Hasieratik ari zara, hortaz, Etorrekin? Bai hasieratik nago Etorren “sektan” (barrez), eduki dudan prestatzaile bakarra da. Zerbaitek funtzionatzen badu, zergatik aldatu? Oso ongi moldatu gara hasieratik, eta orain oso ongi ezagutzen dugu elkar, bai gorputzez eta bai buruz, eta hori oso garrantzitsua da niretzat. Gasteizko maratoi erdia izan zen hortaz, zure lehen lasterketa? Ez, urtebete lehenago Zumaian egiten den herri lasterketa batean atera nintzen, hura izan zen nire lehen lasterketa. Gero Etorrekin hasi eta Gasteizko maratoi erdia ordu eta erdian amaitzea jarri nuen helburu. Orain erraza dirudi, baina denbora hori egiteko korrika egin behar da, eta ni hasi berria nintzen. Azkenean ez nuen helburua bete, ordubete eta 31 minutuan edo amaitu nuen lasterketa. Gogoan daukat anaiak lagundu zidala eta azken kilometroetan esaten zidala: “Animo Maite, 1:32tik jaistea ez da txarra” (barrez). Ni triste ez geratzeko-edo esaten zidan, jakina. Eta halako batean, mendi lasterketetan hastea erabaki zenuen... Nik asfaltoan segitzen nuen korrika, baina halako batean, Xoxoteko kilometro bertikala egitea proposatu zidan Etorrek, prestakuntza gisa. Probatu, eta gustatu egin zitzaidan. Xoxoteko kilometro bertikala izan zen beraz, nire lehen mendi lasterketa; bigarrena, berriz, Olaztiko mendi maratoi erdia. Oso oroitzapen onak dauzka,t eta bi lasterketa horiek bereziak dira niretzat. Zuretzat, baina, Zegama-Aizkorri mendi maratoia izan da beti bereziena. Bai. Ikusi nuen lehen mendi lasterketa Zegama-Aizkorri mendi maratoia izan zen, 2004. urtean izan zela uste dut. Nik banekien maratoi hori existitzen zela, eta lagun artean joaten ginen ikustera, baina egia esan, ez nuen ulertzen oso ondo zer zen: mendian 42 km korrika? Hura zorakeria zen niretzat. 22-23 urte neuzkan orduan, eta ez nuen korrika egiten. Korrikalariak ikusten nituenean harri eta zur geratzen nintzen. Eta mutilak tira, baina neskak? Halako batean pentsatu nuen: hauek egin badezakete, nik zergatik ez? Giroa ere izugarria da. Orain jende asko joaten da, baina orduan ere bai. Gu Arantzazutik joaten ginen beti, eta gogoan daukat autoa aparkatzeko arazoak izaten genituela. Guretzat Aizkorri berezia da, gainera, gipuzkoar askorentzat bezala. Ordutik bihotzean eraman dut lasterketa hori. Noiz erabaki zenuen parte hartzea? Xoxoteko eta Olaztiko mendi lasterketen ostean Karakateko igoera egin nuen Elgoibarren. Etxeko lasterketa da, guretzat munduko txapelketa. Orduan Pako Iriondo joaten zen saria ematera, elgoibartar kuttuna, Euskal Mendizale Federazioko presidentea. Pakok oso harreman estua zeukan Zegama-Aizkorri lasterketarekin, eta berak hitza eman zidan dortsala lortuko zidala. Esan eta egin, dortsala lortu zidan. Gaur egun ematen du mendi maratoiak erraz egiten ditugula, baina ez da tontakeria, eta buru-belarri jarri nintzen prestatzen. 2010. urtea zen, eta halaxe, 2011n atera nintzen lehen aldiz Zegama-Aizkorri maratoian. Ez daukazu ahazteko... Oso oroitzapen polita daukat: helmugara iritsi baino bi kilometro lehenago Elgoibarko lagun batekin egin nuen topo, eta elkarrekin sartu ginen helmugan. Oso hunkituta iritsi nintzen, malkoak ere ateratzen zitzaizkidan. Lehen mendi maratoia zen niretzat, Zegama-Aizkorri handia. Oso pozik nengoen. Noiz hasi zinen Euskal Selekzioan? Urte hartan bertan, 2011n. Zegama-Aizkorri egin ostean berehala deitu zidan Kepa Larreak. Oso azkar gertatu zen dena, baina normala ere bazen, orduan ez baikinen neska asko ibiltzen mendian korrika. Oso oroitzapen ona daukat: Kepa Larrea, Fernando Etxegarai, Jabi Olabarria, Oier Ariznabarreta… nesketan, berriz, Nerea Amilibia, Elena Calvillo, Oihana Kortazar, Oihana Azkorbebeitia eta Aitziber Ibarbia. Eneko Allende eta Jokin Lizeaga ere ezagutu nituen. Urte hartan Munduko kopako probak egin genituen Italian, eta Espainiako txapelketatik ere deitu ninduten. Oso garai polita izan zen. Zenbat urte egin zenituen selekzioan? Bi urte. 2012a ere selekzioarekin egin nuen, eta orduan bai, Zegama-Aizkorri mendi maratoia jarri nuen helburu. Baina oso urte txarra izan zen: laneko oposaketak prestatzen ari nintzen, eta buruz oso nekatuta nengoen. Selekzioan egoteak ere kezka sortzen zidan, maila eman nahi nuelako. Urte hartan erori egin nintzen Zegama-Aizkorrin, eta sorbalda atera zitzaidan. Pixkanaka osatu nintzen, baina geroago berriz ere atera zitzaidan, eta nire errendimendua asko jaitsi zen, behea jota nengoelako buruz. Udan selekzioarekin Italiara joan ginen, Giir di Mond lasterketara, eta hor aldaketa bat eduki nuen. Lasterketei garrantzia handirik eman gabe, opor giroan egon ginen, eta pixkanaka buelta ematen hasi eta berriz hasi nintzen lasterketekin gozatzen. Denboraldia amaitu eta 2013an sorbaldako ebakuntza egin behar nuenez, Selekzioan ez jarraitzea erabaki nuen. 2013an etenaldia egin zenuen, hortaz? Hori zen asmoa, baina ez nuen bete. Aurreko urtean Zegama-Aizkorrin erori egin nintzenz, Josuk (bikotekideak) esan zidan ebakuntza atzeratu eta Zegama osterako uzteko, aurreko urteko arantza ateratzeko. Horixe zen asmoa, baina urtea oso ondo hasi nuen, jauzi kualitatibo handia egin nuen, eta esaterako, Zegama-Aizkorri bost ordu azpitik amaitu nuen. Orduan ikusi nuen ezin nuela ebakuntza ekainean egin. Udako denboraldia egin nuen, eta irailean operatu nintzen. Ordurako La Sportiva taldeak materiala ematen zidan, eta pixkanaka taldean sartu nintzen. Urte hartatik aurrera, goraldi izugarria izan duzu. Bai, ebakuntzatik nahiko azkar osatu nintzen, eta 2014a oso ona izan zen. La Sportivan bete-betean sartuta nengoen jada, eta munduko kopako probetan podiumeko postuak lortzen hasi nintzen. Zegama-Aizkorrin ere hirugarren egin nuen. Uztailean, ordea, berriz erori nintzen, eta berriz atera zitzaidan sorbalda. Baina ezin zidaten berriz ebakuntzarik egin aurreko ebakuntzako torlojuak desagertu gabe zeudelako oraindik. Horregatik, denboraldia amaitu eta 2015ean berriz ebakuntza egitea zen asmoa. Baina 2015ean ez zinen atera Zegamako maratoian. Ez. Zegama baino hiru aste lehenago beste eroriko bat izan nuen, eta belaun-hezurrean haustura egin nuen, hezurretako edema neukan. Niretzat pentsaezina zen Zegama-Aizkorrin ez ateratzea, eta konturatu ere ez nintzen egiten, baina kaletik herrenka nindoan. Etxekoei esaten nien: begira, ondo nago! Eta harrituta begiratzen zidaten. Azkenean ikusarazi zidaten gaizki nengoela, eta lasterketa bezperan erabaki nuen ez ateratzea. Gogorra izan zen, baina orduan ikusi nuen nahi izatea ez dela nahikoa. Egun hartan ikusi nuen buruak nahi zuen arren, gorputzak ezin zuela. Handik hiru astera munduko probara joan ahal izan nintzen, Anecyn (Italia), artean ere hezurretako edema neukala. Hirugarren amaitu nuen, eta tira, urtea pixka bat arindu zidan horrek. Sorbalda, hezurretako edema belaunean eta ondoren pitzadura, ezta? Bai, kontatuko dizut nola gertatu zen. 2015eko abendurako neukan data sorbaldako bigarren ebakuntza egiteko. Denboraldia amaituta zegoen, oso entrenatuta nengoen, eta prestakuntza hura baliatuz aspaldiko ametsa betetzea erabaki nuen: Donostiako maratoia egitea. Egun horretan, ordea, lan egin behar nuen, eta orduan Josuk egun horretan Europa osoan zeuden maratoi guztien zerrenda atera zidan, bat aukeratzeko. Gertuen Malagakoa zegoen, eta hara joan nintzen. Sorbaldako ebakuntza baino 10 egun lehenago izan zen. Maratoiaren prestakuntzan asko gozatu nuen: 7-8 astez oso entrenamendu espezifikoak egin nituen. 5.000, 6.000 eta 10.000 metroko serieak. 2 ordu eta 49 minutuan amaitu nuen lasterketa, oso denbora ona zen. Baina orduan psoas inguruan hasi zitzaidan mina. Ebakuntza baino egun batzuk lehenago korrika pixka bat egitera atera eta 20 minutu neramatzanean gelditu egin behar izan nuen. Hanka arrastaka neukala itzuli nintzen etxera. Femurrean haustura neukala jakin gabe joan nintzen sorbaldako ebakuntzara. Oso garai txarra izan zen, ezjakintasunarengatik eta min neukalako. Bi hilabete geroago, 2016ko otsailean egin zidaten erresonantzia, eta orduan jakin nuen zer neukan. Garai hartan gauza bakarra neukan buruan: gaurko eguna pasatzea, eta bihar gaur baino pixka bat hobeto egotea. Oso gogorra izan zen. Korrika gehiegi egiteagatik hautsi zitzaizun femurra? Bai, korrika egitea sagu baten parekoa da hezurrentzat, raka-raka jan egiten du. Neure buruari gehiegi eskatzen niolako gertatu zitzaidan. Burua gehiegi estutzen duzunean gorputzak ere leher egiten du. Atsedena beste sendabiderik ez dago hezurretako desgaste hori osatzeko. Oso garai txarra izan zen, baina gauzak lasaiago hartzen ikasteko balio izan zidan. Hala ere, Zegaman atera zinen. Bai, atera nintzen. Gogoan daukat apirilean Josuk proposatu zidala Zegamako igoera bertikala egitea. “Maratoia ezingo duzu egin agian, baina bertikala egin dezakezu, goraka bakarrik baita!”. Niri bururatu ere ez zitzaidan egin halakorik, eta egia esan, ilusio handia egin zidan. Eta hala erabaki nuen bertikala egitea, baina maratoiko dortsala utzi gabe. Azken unera arte ez nuen erabat baztertu nahi maratoian ateratzea. Lesioak hobera egin zuen pixkanaka, eta iritsi zen Zegamako asteburua. Bertikala ostiralean izan zen, eta maratoia igandean. Gogoan daukat bertikaleko igoera osoa oilo-ipurdiarekin egin nuela. Sekula berriz korrika egingo ez nuen beldur nintzen, eta han egotea oparia zen niretzat. Eguraldi zoragarria izan genuen, jende asko animatzen, oso hunkituta nengoen, eta gainera irabazi egin nuen! Bertikalak indarra eman zidan, eta maratoia lehiatzeko moduan ez nengoen arren, banekien amaitzeko moduan nintzela. Eta igandean atera egin nintzen. Hotz handia egin zuen, eta jendeak oso gaizki pasatu zuen, baina ni pozarren nindoan. Maratoian ateratzea opari bat zen niretzat, eta gainera, bosgarren amaitu nuen. Oso asteburu ederra izan zen. Uda hartan munduko txapelketa ere irabazi zenuen. Bai, Buff Epic Trailen, Kataluniako Pirinioetan izan zen. Denboraldia uste baino askoz hobeto zihoan, baina abuztu bukaeran, beste haustura bat eduki nuen behatzean. Orduan hasi nintzen pentsatzen ahalegin eta neke hura guztia gehiegi zela. Gorputzak ezin ziola eutsi eskatzen nion mailari. Askotan esan izan duzu Zegama-Aizkorri irabaztea obsesio bihurtu zitzaizula. Txirrindularitzan Frantziako Tourraren pareko zerbait da Zegama-Aizkorri mendi-lasterketeta. Txirrindulari batentzat Tourra irabaztearen pare da mendi lasterkari batentzat Zegama-Aizkorri irabaztea. Egia esan, pentsatu ere ez duzu egiten horretan, ezinezkoa iruditzen zaizulako. Gogoan daukat 2013ko Gabonetan, Jakan (Espainia) ginela, Ainhoa Txurruka Zegama-Aizkorriko zuzendariak esan zidala hurrengo urterako hautagaietako bat nintzela, maratoia irabazteko. Barrez hasi nintzen, adarra jotzen ari zelakoan, baina egia esan, Ainhoa beti izan da sorgin samarra horrelako gauzak asmatzeko (barrez). 2017an bete zenuen ametsa. Bai, pixkanaka lesio guztietatik osatu nintzen, eta iazkoa oso urte ona izan zen. Nire ingurukoek bazekiten niretzat obsesio bihurtu zela Zegama-Aizkorri irabaztea, eta nire pena zela mendi lasterketetatik erretiratuko nintzela ametsa bete gabe. Niretzat munduko txapeldun izatea baino gehiago zen Zegama irabaztea. Tranparik egin gabe noski, baina kosta ahala kosta irabaztea zen nire ilusioa: lasterketa ona edo txarra egin, gozatu edo ez, baina irabazi egin nahi nuen. Eta azkenean, iaz lortu nuen. Lasterketa ona egin nuela uste dut, hasieratik itsutu gabe. Aizkorriko igoeran erasoa jotzea zen nire asmoa, eta hala egin nuen. Silvia Rampazzo italiarra nahiko gertu izan nuen gero Oltzen, baina azkenean Andraitzen gora atzean utzi eta helmugara lehenengo iritsi nintzen. Ezin dut azaldu zer izan zen… amets bat egia bihurtzea. Ondo atera zen, baina lan handiaren emaitza izan zen garaipen hura. Errekorra ere ezarri zenuen, gainera. Bai, nire lehentasuna irabaztea zen, baina errekorrarena ere polita da. Nolabait erakusten du ez nuela kasualitatez irabazi, borrokatu eta gauzak ondo egin nituelako irabazi nuela. Argazki zoragarri asko dituzu, Maite, baina bat aukeratzekotan Sancti Spiritun Josuri eskua ematen ari zarena aukeratuko nuke nik. Bai, niretzat ere oso argazki berezia da. Bikotekidea izateaz gain, kirol mundu honetan nire babesik handiena ere bada Josu. Oso pertsona alaia da, oso baikorra. Jendeak uste du ero samarra dela, baina kontrakoa da, oso zorrotza da, askotan gehiegi. Niri sekula ez dit ezer eskatu, baina bera dena ematen saiatzen da beti. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta badaki ni nola animatu. Sancti Spirituko momentu horretan nik banekien Josu han ikusiko nuela. Bat-batean ikusi nuen, eta eskua eman zidan. Ez zidan ia ezer esan, “aupa, neska!” besterik ez. Baina nik eskua estutu nion, eta ulertu zuen ondo nindoala. Hitzik gabeko elkarrizketa izan zen, bion artekoa. Bi eskuak indarra egiten ari dira argazki horretan, elkarri indarra ematen ariko bagina bezala. Oso polita da. Sare sozialetan ere berak idazten du zure ordez, ezta? Bai (barrez). Sare sozialetan egotea garrantzitsua da gaur egun, babesleek lasterketak irabaztea baino gehiago baloratzen dute hori. Josu ni baino hobeto moldatzen da horretan, nik baino irudimen handiagoa dauka (eta nik baino asti gehiago ere bai). Batzuetan idazten dituenak irakurri eta barre egiten dut, eta nik neuk ere “atsegin dut” ematen diot neure izenean ageri den horri (barrez). Talde on batean zaude, baina zu ez zara honetaz bizi, udaltzain egiten duzu lan Elgoibarren. Nola bateratzen dituzu entrenamenduak, lasterketak eta lana? Azkenean Tetris moduko bat da. Beste askok bezala garrantzia handia ematen diot elikadurari, atsedenari, lanari eta ordenari. Muturreraino antolatu behar dut, dena ondo atera dadin. Astean sei egunez entrenatzen naiz, eta askotan libre daukadan eguna entrenamenduak antolatzeko erabiltzen dut. Eta, noski, baita etxeko kontuak eta bestelakoak egiteko ere. Ez dago sekreturik: antolatzea, beste modurik ez dago. Amak ere izugarri laguntzen dit. Norberarentzat ama beti da onena, eta nirea ere halaxe da (barrez). Erosketak egiten laguntzen dit, arropa garbitzen ere bai. Askotan gaizki sentitzen naiz ez dudalako nahi etxekoandrea denik sentitzea, baina gero konturatzen naiz berak ere eskertu egiten duela guri laguntzea. Oso harreman estua daukagu, eta oso ongi moldatzen gara. Egia esan, inguruko denen laguntza ere asko nabaritzen dut. Nola lortzen duzu hainbeste entrenatzea? Mendiak asko betetzen nau, eta entrenatzen asko gozatzen dut. Mendi lasterkariok asko gozatzen dugu lasterketak egiten, baina benetan gustatzen zaiguna entrenatzea da. Gehienetan bakarrik entrenatzen naiz, nire momentua da, eta oso gustura ibiltzen naiz. Gainera, nahi dudalako egiten dut hau, ez nau inork derrigortzen. Elikadura asko zaintzen duzu? Bai, saiatzen naiz ondo jaten, eta alkoholik ez dut edaten. Ez zait batere gustatzen alkohola. Gainera, lanean ikusten dut alkoholak arazo asko sortzen dituela, eta nazka ere hartu diot. Frijituak, esaterako, ez zaizkit gustatzen, baina gozozalea naiz, eta gure etxean beti dago txokolatea (barrez). Badaukazu lasterketa aurreko maniarik? Ez. Tira, korrika hasi aurretik azken musua ematea norbaiti, bai, asko gustatzen zait hori. Normalean Josuri ematen diot, baina hura ez badago gurasoei, edo lagunen bati. Lasaitu egiten nau. Garai batean oso argal egon zinen, orain ere argal zaude, baina ez horrenbeste. Bai, 2014an, esaterako, oso argal egon nintzen. Gogoan daukat maiatzean nire lehen ultra lasterketa egin nuela, Transvulcania, Kanaria Uharteetan, eta asko entrenatu nintzela. Gainera, hango baldintzak oso gogorrak dira: beroa, hezetasuna… handik 15 egunera hirugarren egin nuen Zegama-Aizkorrin, eta bai, garai hartan oso argal nengoen. Nik uste dut entrenamenduek eraman nindutela argal egotera, ezer berezirik egin gabe. Nik ez nuen argaltasun hura bilatu, eta ez nion garrantziarik ematen. Osasuntsu nengoen eta kito. Eta aurten, zer asmo dituzu? Orain, neguan asko ari naiz gozatzen eskian, alpinoan nahiz mendikoan. Txikitako zaletasuna berreskuratzea bezala izan da, Candanchuko (Espainia) gaztetako lagunekin egoteko modua ere bai. Oso gutxi ari naiz korrika egiten, baina pixkanaka jarriko naiz. Maiatzaren hasieran atletismo federazioaren munduko txapelketan parte hartu nahi nuke, baina ez dakit posible izango den. Halakoetarako hautatu egin behar zaituzte, eta lanarengatik ez dakit zenbat lasterketa egin ahal izango ditudan puntuagarriak. Handik bi astera Zegama-Aizkorrin aterako naiz, beti bezala ilusio handiz. Mendiko federazioaren munduko txapelketa ere egin nahi dut udazkenean, Eskozian. Munduko kopako proba batzuk ere egingo ditut, eta ondoren La Sportivak Italian antolatzen duen zirkuituko lasterketak ere bai. Etxean ere egin nahi dut lasterketaren bat, lagunak eta familiakoak ikustera etor daitezen. Adibidez, Talaia bidea egingo dut berriro; lehen edizioa egin nuen, eta ilusioa egiten dit berriz parte hartzeak. Horiez gain, ultra distantziako lasterketaren bat ere egingo dut aurten. Azken urteetan ultretan ere oso maila ona eman duzu. Distantzia horretara pasatuko zara? Ez, urtean distantzia luzeko pare bat lasterketa egitea gustatzen zait, ez besterik. Niretzat mendian egunpasa egitearen parekoak dira ultrak, baina lasterketan. Beste erritmo batean zoaz, beste era bateko sufrimendua da, eta gustatzen zait, baina entrenatzeko ordu asko behar dira, 6-7 orduko entrenamenduetatik 12 ordukoetara egin behar da jauzi, eta ez dut halakorik nahi. Hortxe dago nire muga. Niri korrika egitea gustatzen zait, eta orduan lasterketa laburrei zuku handiagoa ateratzen diet. Oso pertsona ezaguna zara, baina aldi berean gertukoa. Nola kudeatzen duzu fama? Funtsean pertsona izatea dago, pertsona normala. Egia da lasterketa aurreko une jendetsuak saihesten saiatzen naizela, atseden hartu behar dudalako, baina gainerakoan ez diot garrantzirik ematen. Jende askok uste du beti dena irabazi behar dugula, baina ez da horrela. Ni ere pertsona naiz, neure prozesua daukat, urtean zehar gorabeherak… Garrantzirik ez ematea eta pertsonak garela ez ahaztea, horixe da oinarria. Kirolaz gain, beste zaletasunik baduzu? Bai, puzzleak egitea. Ahal dudanean beti egiten ditut, areago min hartuta nagoenean. Txikitatik gustatu izan zait puzleak egitea, eta orain ere egiten ditut, handiak, 5.000 eta 6.000 piezakoak. Gero ez ditut inon jartzen, han egoten dira etxean lurrean, baina oso entretenigarria da. Nola ikusten dituzu emakumeak mendi lasterketetan? Jendea gero eta hobeto prestatzen da, eta emakumeak ere bai. Kirol gehienetan bezala, gizon baino emakume gutxiago dago hemen ere, baina ez dut uste gizonen errua denik hori, emakumeok gainditu beharreko gauza asko dauzkagula uste dut: gure lotsak, beldurrak, mugak. Lan handia dago egiteko, baina ez dut uste ezer leporatu behar diegunik gizonezkoei. Nolakoa da korrikalarien arteko harremana? Nik neuk, oso ona dela esango nuke. Zorionez, ez gara honetatik bizi, ez dago dirurik jokoan, eta harremana sanoa da. Denean bezala, hemen ere batzuekin besteekin baino gertutasun handiagoa daukazu, baina oro har, harremana oso ona da. Batzuetan zuk irabaziko duzu, besteetan beste batek, baina lasterketa amaitu eta lehia bizia izan duzun lasterkari bati besarkada bat ematea bezalakorik ez dago niretzat. Zure ustez, zein da zure arrakastaren gakoa? Nahiko erregularra naizela esango nuke. Ez naiz onena goraka, ezta beheraka edo lautadan ere, baina hiruretan nahiko ondo moldatzen naizela esango nuke. Neure burua oso ondo ezagutzen dut, eta badakit zer egin behar dudan erritmo bati eutsiz helmugara iristeko. Buruz ere nahiko indartsua naizela uste dut, konfiantza handia daukat nigan. Ikusten duzu zure burua, egunean batean, Zegaman lasterkariak animatzen? Bai, noski, eta egin egingo dut. Eta ume asmorik bai? Bai, baietz uste dut. Umerik gabeko bikoteak tristeagoak dira, ezta? Baliteke egunen batean… alaitasun pixka bat ekarri beharko dugu etxera (barrez) Josu Zubiaurre, Fotoiosu eta Maiteren “xerpa” Nor da Fotoisu eta zein da Josu xerpa? Josu animatzailea zen hasieran, eta ondoren, egoerak behartuta, lanean hasi behar izan zuen eta xerpa bihurtu zen (barrez). Josu xerpa Maiteren atzetik joaten zen lasterketetan, haren emaitzak hobetzen laguntzeko, ura edo janaria eramanez, edo estrategia prestatzen lagunduz, esaterako. Profilak ikusi, eguraldiaren arabera jan-edana antolatu, arropa… ez genekien ezer, baina besteek nola egiten zuten ikusiz, ahalik eta ondoen egiten saiatzen ginen. Maitek ez dauka astirik dena antolatzeko, nahikoa egiten du entrenamenduak eta lana bateratzen. Eta nola sortu zen Fotoiosu? Hasierako lasterketa haietan, Maiteren zain egoten nintzen bitartean, mutil asko pasatzen ziren aurretik (barrez), eta denbora pasa edo, haiei argazkiak egiten hasi nintzen, gehienak ezagunei eta lagunei. Egia da gerora Fotoiosuk izen pixka bat hartu duela trail munduan, eta lantxo batzuk ere egiten ditu. Zenbait lasterketatara ere joan da, sasi-argazkilari bihurtuta (barrez). Hasieran ez zegoen argazkilari asko mundu honetan, eta asko kostatzen zitzaidan Maiteren argazkiak aurkitzea, eta nik ateratzea erabaki nuen. Orain askotan pilatu egiten zaizkit xerpa lanak eta argazkilariarenak. Nor da Maite Maiora? Nik uste dut egun denok dakigula nor den Maite Maiora, eta zergatik den ezaguna. Nik hitz batekin definitu beharko banu “kasta” aukeratuko nuke. Baina horren atzean gauza asko daude: buru gogorra izatea, lana erruz egitea eta muturreko diziplina. Maitek ez du sekula etsitzen, eta elikaduran eta entrenamenduetan, adibidez, ez du ezer barkatzen. Eta ez bakarrik denboraldian, baita hortik kanpo ere. Maitek ez, Maitek urte osoan eusten dio muturreko diziplina horri, eta gainera, urteak daramatza horrela. Berezko ezaugarriak baditu bai (bestela ezinezkoa izango litzateke dagoen lekuan egotea), baina batez ere lana dago Maiteren atzean. Nire ustez, urteetako diziplinari eta lanari esker iritsi da orain dagoen lekura. Zein da bere arrakastaren gakoa? Berak esaten du ingurukook asko laguntzen diogula, eta pozgarria da hori entzutea. Ni ahalik eta baikorren izaten saiatzen naiz, ez dudalako uste ezkor izateak onik egingo dionik. Oier Oregi fisioarenera ere nahi duenean joan ahal izatea handia da berarentzat, edozer gertatuta ere konfiantza handia ematen dio eta. Gurasoek ere laguntzen diote, harakinaren alaba da, eta erosketak errazten dizkiote (barrez). Baina Maiteren arrakasta Maiteren buruan dago, oinetan baino gehiago buruan. Korrika egiteko oinak mugitu behar dira, baina horretarako buruak %100ean egon behar du, beti, lasterketa guztietan, eta Maite ona da horretan. Beti da lehiakorra, beti ematen du daukan dena. Munduko lasterkari onena da? Bertikaletan faborito da, maratoian ere bai, eta pixkanaka ultra distantziako lasterketetan ere bai. Agian ez dago ondo nik esatea, baina hala sentitzen dut, eta uste dut ez naizela errealitatea handitzen ari: une honetan munduko mendi lasterkari osoena dela esango nuke. Titulu bat ere badauka hori hala dela baieztatzen duena, onena ez agian, baina hiru onenetako bat bai. Maitek burua dauka 40 minutuko lasterketa azkar batean dena emateko, eta neurri berean 15 orduko lasterketa luze batean dena emateko. Distantzia guztietan lehiatzen da, horrek dena esaten du, nire ustez. Motorra ez dute itzali Iñaki Berastegi Andres, Ander eta Angela Vilariño Euskal Herriko pilotu familia handi bateko kideak dira. Aita, seme eta alabaren artean, Europako 14 txapelketa irabazi dituzte hainbat modalitatetan. Garaipen sorta horrek ez ditu itsutu vilariñotarrak, eta beti hankak lurrean dituztela egiten dute aurrera. Denboraldi berezia dute aurretik, Anderrek ez dakielako zehazki zer modalitatean aritu nahi duen, Angela haurdun dagoelako eta Andres aitak duela bizpahiru hilabete erretiroa iragarri ostean, lasterketak korritzen jarraituko duelako. Motor hotsik ez da entzuten Olaberriako karting zirkuituan. Kotxerik ere apenas ageri da aparkalekuan. Goiz da, egun bikaina egiten du, eta zirkuituko bulegoetan bada norbait lanean. Ordenagailuaren aurrean, eta telefonoa eskuetan duela egiten du lan lasterketak korritzen ari ez denean Ander Vilariñok (Hondarribia, Gipuzkoa, 1979). Lan hori ere egitea tokatzen zaio, eta gustura egiten du, Europako zazpi txapelketa irabazi dituen pilotu gipuzkoarrak: Europako Nascar txapelketa hiru aldiz irabazi du, Erresistentziako Europako txapelketa birritan, eta Mendiko Europako txapelketan ere beste bi aldiz izan da garaile. Horiei, beste garaipen askoren artean, bereziki Formula 3 eta Formula Supertoyotako txapelketa entzutetsuak gehitu behar zaizkie. Berehala iritsi dira Olaberriara beste Europako zazpi titulu. Bi txapeldun. Andres Vilariño (Donostia, 1951) eta Angela Vilariño (Hondarribia, 1985). Aita eta alaba. Horrenbestez, elkartu dira Vilariñotar sendiko pilotu ia guztiak. Andresek Europako Mendi txapelketa lau aldiz irabazi du, eta FIAko beste Europako garaikur bat dauka. Angelak, berriz, bi aldiz lortu du emakumezkoen Europako Mendiko txapelketaren garaikurra. Zenbaezinak diren garaipen horiei guztiei Angelaren bikotearen palmaresa gehitu behar zaio, Efren Vazquez moto gidari bilbotarrarekin ezkonduta baitago, eta bere motoak, kaskoak eta abar Vilariñotarrekin batera daudelako Olaberrian gordeta. Bulegoetara sartu bezain pronto hormetatik zintzilik dauden argazki bakoitza aztertu du Andres Vilariñok. Ander eta Angelaren ibilbidekoak dira gehienbat, eta aitak harrotasunez hitz egiten du semearen eta alabaren ibilbide oparoaz. Garai eta mota guztietako argazkiak daude ikusgai horman, baina bulego nagusian Anderren argazki bat nabarmentzen da guztien artetik: “Anderrek 16 urte ditu argazkian. Nazioarteko lasterketa batzuetan korritzeko, Espainiako pilotu onenekin selekzio bat egin zuten, eta bertan aritu zen Ander”. Argazkiak, ordea, tranpa ere badu, Anderrek gerrian, korritzeko monoan, ikurriña bat duelako. “Ez dakit amak nola egin zuen, baina ikurriña bat jarri zuen Espainiako bandera zegoen tokian. 1995koa izango da argazkia; oraindik ez dakit nola egin zuen, baina bikain geratu zen; ez du ematen argazkia aldatuta dagoela”, azaldu du harrituta Anderrek. Hiru pilotuen palmaresak ez du aldaketarik behar. Ibilbide luzea eta entzutetsua egiten ari dira Andres 1968an lasterketak korritzen hasi zenetik. Orduz geroztik, beti egon da, gutxienez, Vilariñotar bat errepide edo zirkuituetan korritzen. Eta azken urteetan hirurak aritu dira aldi berean. Baina ez dira soilik errepidean edo zirkuituetan aritzearekin konformatu urte guzti hauetan, beti ibili baitira hirurak garaipen, marka edo errekor berrien bila. Beti lehiakor, eta beti oinak lurrean dituztela. Ander eta Angelari aitarengandik iritsi zitzaien zaletasuna. Era berean, Andresi ere, bera aitarengandik iritsi zitzaion. “Aitari asko gustatzen zitzaion automobilismoa. Gainera, banaketa enpresa batean lan egiten zuen, eta ni askotan joaten nintzen berarekin. Etengabe amesten nuen kotxea gidatzearekin, eta 8 urterekin jarri nintzen bolantearen aurrean lehendabizikoz”. Debako apezari susto galanta eman zion lehendabiziko aldi hartan: “Nire osabak eta izebak taberna bat zeukaten Deban, Kordeleria kalean: Bar Mazantini. Tarteka joaten ginen Debara, eta nire aita solasean aritzen zen lagunekin tabernan. Horietako egun batean, Debako apeza tabernara sartu zen eta aitari esan zion: “Manolo, zure kotxea bakarrik mugitzen ari da”. Kotxea mugitzen ikusi zuen, eta ni hain gaztea nintzenez, ez ninduen kotxe barruan ikusiko. Beste garai batzuk ziren”. Kotxe haren argazkia bilatu ezinik dabil Andres, NA-989 matrikula zuen autoa omen zen. Bederatzi urte beranduago hasi zen sortzen Andresen mitoa Euskal Herriko errepideetan. Aitarekin alderatuta goiztiarragoa izan zen Ander, gurasoek bultzatuta: “Horrelako giro batean jaiota, zaila da afizio hori ez izatea. Haur bat nintzenean hasi nintzen, zaletasun handia neukalako. Ez neukan zalantzarik hartu nahi nuen bidea hura zela, baina ez nuen pentsatzen automobilismoan horrelako ibilbidea egingo nuenik”, gogoratu du Anderrek. Villabonan gidatu zuen Anderrek lehendabiziko aldiz kart bat: “Lau urte bete gabe izango nituen. Villabonako herri zirkuituan, lasterketatik kanpo, itzuli batzuk ematen utzi zidaten. Lehendabiziko lasterketa beranduago izan zen, lau urterekin, Irunen. Orain, Olaberriako zirkuituan, pilotu gazteenak sei urterekin hasten dira”. Angelari gehiago kostatu zitzaion pilotu izan nahi zuela erabakitzea: “Hamabi urte izango nituen lehiatzen hasi nintzenean. Gabon batzuetan kart bat oparitu zidaten gurasoek; sekulako ilusioa egin zidan. Loiu inguruko parking batean aritzen ginen, baina urtebete bertan aritu ostean, alde batera utzi nuen. Olaberriako zirkuitua inauguratu genuenean hasi nintzen berriro ere korritzen”, azaldu du Angelak. Aitak balioa eman dio Angelak berak egin izana apustua: “Berak erabakitzea izan zen onena. Ander guk sartu genuen mundu honetan. Gainera, hasiera haietan, Anderrek beti esaten zidan Angelak oso ongi gidatzen zuela, modu sinple eta natural batean. Angelak gidatzeko modu bikaina, harrigarria dauka, eta ia entrenamendurik egin gabe. Lehendabiziko urte haietan, Euskadiko Karting txapelketa irabazi zuen eta Espainiakoan hirugarren amaitu”. Korritzeko moduari eta gustuei dagokionez, antzekotasun gehiago dituzte Andresek eta Angelak. Mendiko lasterketa eta rallyetan sentitzen dira eroso Andres eta Angela. Anderrek Europako Mendiko txapelketa ere irabazi duen arren, zirkuituko pilotua da. Aitaren ikuspegitik, Ander eta Angelaren artean beste ezberdintasun handi bat dago. Semearekin sufritu egin du zirkuituetan, eta alabarekin, ordea, gozatu. “Galdera honen erantzuna agian hobeto emango luke psikologo batek. Anderrekin asko sufritzen nuen. Bagenekien Anderrek automobilismoaren munduan aurrera jarraitu nahi bazuen irabazi egin behar zuela. Batzuetan zirkuitura eramaten nuen, bertan utzi, eta lasterketa amaitu ondoren bueltatzen nintzen jasotzera. Anderrek ondo ulertzen du zer den presio hori nabaritzea: “Aita korritzen ikustera joaten hasi nintzenean gauza berbera gertatzen zitzaidan niri. Aitak lasterketa ez irabazteko aukerak presioa sorrarazten zidan. Nirekin sufritzen bazuen hobe zen lasterketa ez ikustea. Orain, ordea, beste era batera sufritzen dut aitarekin, ezin naiz lasterketa bat ikustera joan: min hartuko duen beldur naiz. Mendiko lasterketak oso arriskutsuak dira”. Angelak ere sentsazio berbera dauka aitarekiko: “Oso urduri jartzen naiz korritzen duenean. Batzuetan badirudi nik korritu behar dudala lasterketa”. Aitari ez ezik, Anderren emazteari ere eragin izan dio mota horretako presioak. “Hamasei urterekin lehiatzen hasi nintzenean, Frantzian asko korritzen genuen. Ama etortzen zen nirekin gidabaimena lortu nuen artean. Ondoren bakarrik joaten nintzen lasterketetara emaztea etortzen hasi zen arte. Baina, Europako Nascar txapelketa bi aldiz irabazi ostean, hirugarren urtean bi punturengatik bigarren gelditu nintzen. Pilotu batek birritan lasterketatik at utzi ninduen. Hurrengo urtean berriz ere txapelketa irabazteko presio handia nuen, babesle gutxi genituen eta azken lasterketetara, egoera horregatik, nire emazteak ez etortzea erabaki zuen. Ulertzen ditut emaztea eta aita”, nabarmendu nahi izan du Anderrek. Angelarekin egoera oso bestelakoa da: “Izugarri disfrutatzen dut alabarekin. Gizonen artean irabazten duenean, gehiago. Madrilera joan ginen behin Espainiako Karting txapelketako lasterketa batera. Harresiaren atzean jarri nintzen ni, eta Angela pasatzen zen bakoitzean garrasi egiten nion: “Eman, eman, azkarrago, eman”. Lasterketa bukatu ondoren Angela erdi lotsatuta etorri zen ea zer egin nuen esatera. Ikaragarri gozatu nuen”, argitu du Andresek. Batekin gozatu, eta bestearekin sufritu, biek emaitza bikainak lortzen zituzten arren. Hautaketa naturala Automobilismoa, ordea, ez da pilotuaren gidatzeko gaitasunera mugatzen. Babesleak ezinbestekoak dira. Dirua jartzen duten babesleak, eta bestelakoak, dirua beste era edo arrazoi bategatik jartzen dutenak; herrialdeetako gobernuak, familia edo pertsona aberatsak, ustiatu gabeko merkatuak… Hautaketa naturalen aurka egiten duten aldagaiak, alegia. Pilotu onak munduko txapelketa onenetara iristea baldintzatu dezaketenak; Amerikako Estatu Batuetan NASCAR-a eta mundu osoan Bat Formula. Hankak lurrean eduki dituzte beti Vilariñotarrek: “Ni eta nire emaztea beti saiatu gara egon gaitezkeen tokian egoten. Eman behar dugun hurrengo pausua aztertzen. Ez dugu inoiz egon nahi izan zailtasunak sorraraziko zizkigun leku batean. Norbaiten menpe izatea ez zaigu gustatzen. Gure lan egiteko moduagatik iritsi gara gauden lekura, Europako 14 titulu hauek lortzera”. Automobilismoaren mundua oso kirol garestia izanik, eta babesleen beharra ezinbestekoa denez, beti “zentzudunak” izatea nahi izan du Andresek: “Anderrek eta Angelak akatsak egingo zituzten nik eta nire emazteak ere egin izan bagenitu. Erabaki okerrak hartuz gero, kirol honek berehala porrot ekonomikora eraman zaitzake. Guk beti esan dugu hemen gaudela, norbaitek laguntzeko zain, guk ezin dugulako gure kabuz momentu batzuetan aurrera egin”. Bat Formulan edo AEBko NASCAR txapelketan sartzeko inbutuaz ari da hizketan bereziki Andres Vilariño. Bat Formula utzi berri duen Fernando Alonso txapeldun espainiarra baino bi urte zaharragoa da Ander. Hautaketa naturalaren falta dela eta, Bat Formulara iritsi ezinda pilotu onak bidean geratu direla dio: “Fernando Alonsok 4. amaitu zuen Formula 3000 txapelketan, Bat Formulako European Minardi taldearekin sinatu aurretik. Nork irabazi zuen urte hartan txapelketa? Inork ez daki. Ez dut esan nahi horrekin Alonso pilotu txarra denik, pentsa, birritan izan da Bat Formulako txapeldun. Inbutu ekonomikoarengatik Bat Formulako pilotu bikainak izan daitezkeenak bidean geratu direla esan nahi dut”. Hau da, ona edo onena izateak ez duela ezer bermatzen automobilismoan. Hori argi du Anderrek: “Fernando Alonso erresistentziako mundialean Toyota batekin ari da. Hirugarren geratzen ari den pilotua, Rebellion taldekoa, Europara ekarri zuen talde batek, nire taldearen aurka lehiatzeko, guri irabazteko. Eta ez zigun irabazi. Ez dut esan nahi bera baino hobea naizenik, baina pilotu txarragoa ere ez naiz”. Kirol izugarri garestia da automobilismoa. Eta automobilismoaren barnean, Bat Formula eta AEBko NASCAR txapelketak dira errege eta erregina. Hiru bide daude aurrera egiteko: norberak norbere gastuak ordaintzea, babesleak izatea, edo pilotu batentzako dirua beste norbaitek jartzea. “Bat Formulan 20 pilotu daude, eta horietatik, gutxi gorabehera, 10ek soilik irabazten dute benetan dirua. Gainontzekoek, eurek edo euren herrialdeek jartzen dute dirua. Esaterako, Sergio “Checo” Perez pilotu mexikarraren dirua Carlos Slim dirudunak jartzen du. Narain Karthikeyan Bat Formulako pilotua nirekin aritu zen korritzen World Series-en. Bat Formulan aritzeko dirua Indiak jartzen zuen, erregeen familiakoa zelako”. Azken finean, automobilismoa ez da purua den kirol bat, norberaren ahalmenean oinarritzen dena: “Nire taldeak irabazi dezake Europako erresistentzia kopa. Eta zortea badugu, beste urtebetez agian jarraitu dezakegu talde berean babesleek jarraitzen badute eta beste hainbat aldagaik gure alde egiten badute”. Babesleen munduan master bat du Andres Vilariñok. Urteen poderioz eta berak bere babesleak lortu eta kudeatu izanaren ondorioz lortu du. ‘Automobiles Rufo’ izeneko enpresa, kotxen salmentan oinarritzen zena, izan zen Andresen lehendabiziko babeslea: “Nik betidanik bilatu eta kudeatu ditut babesleak niretzako. Lasterketetan hasi nintzen garaia oso bestelakoa zen; egoera sozial gogor batetik esnatzen ari zen lurraldea, eta aukera gehiago zeuden babesleak lortzeko. Oso kirol ikusgarria da, baina Bat Formulan edo NASCARen aritzeko diru asko jarri behar da”. Euro Nascar txapelketa hiru aldiz irabazi duen arren, horrek ez dio balio izan Anderri AEBko Nascar-en ibilbidea egiteko; “Nascarreko Hall of Fame” edo famaren saloian ere jarri zuten bere izena. Saiatu zen, baina ez zuen lortu. “Lau milioi euro inguru jarri behar dira bertan sartzeko”. Antolatzaileekin zituen aukerez hitz egin zuela azaldu du Anderrek: “Babesle handi bat behar nuela esan zidaten, nire herrialdeko babesle handi bat. Hortik aurrera, lagunduko zidatela”. Andresek gehitu du: “Interneten entzun dezakezu zer esan zuen Nascar-eko zuzendariak. Txapeldun handia zela, eta Nascar-ek Europan zuen enbaxadorerik onena”. Berriro ere inbutu ekonomikoa. Hala ere, egin duten ibilbidea kontuan hartuta, Andresek argi dauka: “Zorionekoa izan da gure ibilbidea”. Bat Formulako merkatua Bat Formulara bueltatuta, Anderrek ongi asko ezagutzen du negozioak nola funtzionatzen duen: “Zuzenean saltzen ditu telebista eskubideak Bat Formulak. Dena oso aztertua daukate. Pedro De La Rosa, Marc Gene eta bereziki Fernando Alonso iritsi zirenean, Espainian telebista eskubideak ustiatu gabe zeuden. Hiru pilotu horiekin, 6 milioi euro balio zuten eskubideak, agian, 60 milioi eurotan saltzea lortu zuten. Gainera, aldi berean, enpresa handiak erakarri zituzten. Robert Kubica eta Poloniarekin ere antzeko zerbait gertatu zen. Negozio bikaina”. Dena den, Anderrek argi eta garbi dauka bere kirolaren errealitatea zein den. “Badakit ni baino pilotu hobeak daudela Bat Formulara iritsi ez direnak. Baina ziur naiz horietako batzuek ibilbide ona egin zezaketela. Kirol hau horrelakoa da. Pozik nago korritu dudan leku guztietan pilotu askoren aurka lehiatu naizelako, baita Bat Formulan aritutakoen kontra ere, eta hala ere aukera izan dut lasterketak eta txapelketak irabazteko”. Anderrek esandako guztiari azalpena gehitu nahi izan dio aitak: “Hau horrela esanda, jendeak ulertu dezake Anderrek inbidia duela, baina ez da horrela. Bere ikasketak bikain atera zituen Deustuko unibertsitatean, euskara, gaztelera, ingelesa, italiera eta frantsesa bikaina hitz egiten ditu, igeriketan mastersean ere Espainiako txapeldun izan zen ur irekietan… Anderrek ez dauka trauma bat ez delako Bat Formulara iritsi. Nik nahiago nuke inoiz korritu izan ez balu”. Dena den, Andresek gogora ekarri du Anderrek Bat Formulan aritzeko benetako aukera izan zuenekoa: “Hirugarren pilotu edo pilotu probatzaile izateko 9 milioi jarri behar ziren. Nik babesle garrantzitsu bat nuen eta saiatu ginen arren, diru asko zen”. Anderrek aitak esandakoari gehitu dio: “Hirugarren pilotu izateko diru asko zen, baina talde oso ona zen, pilotu garrantzitsu batekin”. Angelaren ibilbidea berreskuratu du Andresek, gidari lanak eginez: “Ezin dugu esan emakumea gizona bezalakoa denik. Nik ez dudalako hilekoa, edo ezin naizelako haurdun geratu. Gainera, nik ez dut inoiz jaso nire alaba babesteko edo laguntzeko eskaintzarik”. Beranduago lehiatzen hasi zen arren, sekulako garaipenak lortu ditu Angelak. Arestian aipatutako Europako emakumezkoen mendiko bi txapelketez gain, Espainiako Mendiko txapelketa eta kopa ere irabazi ditu, emakumezkoen Espainiako Rally txapelketa eta beste asko. Garaipen eta traba ugari izan ditu bere kirol ibilbidean; larrienetarikoa, korritzeko lizentzia kendu ziotenean, lasterketa baten ondoren egindako adierazpenengatik. “Hondarribian izan zen. Anderrek aurreko urtean irabazi zuen, eta bere marka ondu nahi zuen. 3-4 segundo ontzen ari zen bere marka, bihurgune batean kanpora joan zen arte. Hainbat pertsonaren ezusterako, Angelak irabazi zuen lasterketa”, gogoratu du Andresek. Angelak berak azaldu du zer adierazpen egin zituen: “Esan nuen kargu batzuei nire garaipena ez zitzaiela gustatu, emakumea eta Vilariñotar bat nintzelako”. Lizentzia kendu ostean, kautelazko neurria eskatu zuten Vilariñotarrek, baina ez zieten eman. Epaia alde izan zuten arren, txapelketako azken lasterketan ez zuen parte hartu, eta ezin izan zuen Euskadiko Rallysprint txapelketa irabazi. Hori eta beste arazo batzuk direla tarteko, Euskal Herrian korritzeari utzi diote Angelak eta Andresek. “Zorionez, kanpoan ere korritzeko aukera daukat. Galizian eta Kantabrian aritu gara, errekor batzuk ere apurtu ditut bertan, eta hori nire adinarekin, goraipatzeko modukoa da. Alfonbra gorri bat jarri beharko zidaten”, dio barre artean Andresek. Andresena izugarria delako. 66 urte ditu, eta ez dio utzi lasterketak irabazi eta errekor berriak ezartzeari debuta egin zuenetik. Europako bost txapelketez gain, lau aldiz izan da Espainiako Mendi txapelketako txapelduna, behin Espainiako Turismo txapelduna eta Le Manseko 24 orduetan, 1994an, 4. Postuan amaitu zuen GT2 kategorian, Ferrari batekin. Jaizkibelgo igoerara 2003tik bueltatu ez den arren, Andres bera da bertan garaipen gehien dituena: “Zortzi aldiz irabazi dut, sartu interneten eta begiratu nahi baduzu”. Anderrek, baina, ez du hain garbi: “Ez dakit oraindik gehien irabazi duena zaren”. Mugikorra hartzeko eta errepasatzeko eskatu dio aitak semeari. Elkarrizketak aurrera jarraitzen du Anderrek solasaldia mozten duenean: “Arrazoi zenuen. Zazpi kontatu ditut, baina bazegoen zortzigarren bat gaizki zegoena. Zure izena beharrean nirea zegoen jarrita”. Bakarkako garaipenez gain, Andresi ez zaio ahazten Jaizkibelen korritu zen Europako txapelketa prestatzen aritu zenekoa: “Aholkulari lanak egin nituen. Pilotu kanpotarrak etorri zirenean nire lurraldea erakutsi eta sustatu nuen. Ni euskal herritarra naiz bihotzez, Donostiarra gauza guztien gainetik. 80ko hamarkadan Donostiako posterra eramaten nuen. Espainola nintzela esaten zidaten. Ni ez nintzen egoera zein zen azaltzen hasi behar, Donostia ere non zegoen ez zekitelako. Lurraldetasuna lantzen han hasi ginen”. Angelaren oparia Elkarrizketa egin aurretik hedabideetan azaldu zen Andresek erretiroa hartzeko erabakia hartu zuela: “Ander eta Angelarengatik utzi nahi nuen. Laguntza moral eta logistikoa eskaini nahi nien. Eta horrez gain, ekonomikoa ere bai, nire babesleak eurei utzita. Familia batean pilotu bat izatea bikaina da, bi izatea izugarria, eta hiru izatea eta hirurak aldi berean lehiatzen ikustea ezin da deskribatu”. Angela haurdun dago, eta urtebetez, lehiatzeari uko egingo diola azaldu du Andresek: “Nik Angelan zentratu nahi nuen. Baina, bi opari egin dizkit aldi berean: “Biloba bat bidean dator, eta beste urtebetez korritu dezaket”. Angelak barre artean esan du “pena” ematen ziola aitak lasterketak uztea, eta utziko balu, zer egin behar zuen galdetu dio. Elkarrizketa amaitu ostean, berriro gaia aterata, Angela bueltatzen denean Andresek ez dauka garbi utziko duen: “Hau da gehien egitea gustatzen zaidana, eta denbora daukat. Agian ez dut utziko”. Europako eta Espainiako erresistentzia probetan, eta 24 orduko serietan azken urtea eman ostean, Anderren etorkizuna ere ez dago garbi. Motorsport atariak jasotzen duenez, 13 pilotu aritu ziren Le Comten, Euro Nascarreko pilotuak kontratatzeko eta ezagutzeko antolatzen duen lehen egunean. Atari honek dioenez, eta Anderrek hala aitortuta, erabakia ez dago hartuta. 2012 eta 2015 artean aritu zen Nascarren Ander, 46 lasterketa lehiatu zituen eta 20 garaipen lortu. Angelak, berriz, argi dauka berriro ere bueltatu nahi duela Mendiko Lasterketak korritzera. Bitartean, eta erabaki guzti horiek hartu arte, Olaberriako zirkuituan, Vilariño familiaren “babeslekuan”, lanean segituko dute hirurek. Kart-ak alokatzeko zerbitzuaz gain, gidatzeko klaseak ere ematen dituzte. Eta, nagusiki, distribuzioa da egungo negozio nagusia Anderrek dioenez: “2003az geroztik Avon pneumatiko marka banatzen dugu, eta dendak ongi funtzionatu duenez, 2017tik aurrera beste hainbat produktu ere saltzen edo banatzen ditugu. Nazioarteko banaketa nik eramaten dut gehienbat, eta lasterketarik ez dudanean hemen egoten naiz. Bat Formulan edo Nascarren ez bazaude, ez duzu astero lasterketarik izaten eta ez zaude beti bidaiatzen”. Banaketaz gain, Angela haurdun dagoenez, gidatzen ikasteko klaseak emateari utzi beharko dio eta agian Anderrek bere gain hartu beharko ditu eskola horiek. 1997an inauguratu zuten zirkuitua, eta egun, % 85 Vilariño familiarena da, eta beste % 15 Iñaki Olano bazkidearena. Andresek argitu du euren diruarekin atera dutela aurrera zirkuitua, inongo laguntza ekonomikorik gabe: “Foru Aldundiari eskertu behar diot lizentziak eta dena eman izana, baina zirkuitua bere osotasunean guk ordaindu dugu. Jende normala gara. Eskerrak eman nahi dizkiete baita ere hedabideei beti eman diguten laguntzarengatik. Haiek gabe ez zara ezagutzera ematen, eta ez dituzu beharrezkoak diren babesak lortzen. Eta nola ez, zaleei”. Dena den, zerbait argitu nahi izan du amaitu aurretik Andresek: “Jende umila gara. Ez dugu elkarrizketarik bilatzen, baina pena da nola dagoen automobilismoaren egoera Euskal Herrian. Vilariño bezalako familia bat erabili egin beharko lukete automobilismora jendea gerturatu dadin, Miguel Indurainekin edo Abraham Olanorekin bere garaian egin bezala. Gipuzkoako familia kirolariaren saria jaso genuen, eta nik neuk eta Anderrek Gipuzkoako kirolari onenaren saria ere jaso dugu”. Vilariño familiako pilotuen garaipen zerrenda ez da amaitzen, ikaragarri luzea delako, eta oraindik hirurek lasterketak korritzen jarraituko dutelako. Andresek, Anderrek eta Angelak motorra ez dute itzali. Aurki entzungo dugu berriro ere Vilariñotar batek gidatutako kotxe baten motor hotsa errepideetan nahiz zirkuituetan. Oinarriko lana, funtsezkoa denboran mantentzeko Zarauzko emakumezkoen eskubaloiko taldeak sortu zirela 40 urte betetzen dira aurten. Kadete zein jubenil mailatan eman zuten izena, eta 1979-1980 denboraldian aurreneko talde seniorra sortu zen. Kirol Elkarteak berak 2015ean bere 50. urteurrena ospatu zuen, eta eskubaloiko aurreneko taldea ere 1965ean lehiatu zen ofizialki lehenengo aldiz. Gipuzkoan erreferente da Zarautz eskubaloi arloan, azpi-kategoriatan eginiko lanagatik, batez ere. Emakumezkoen kasuan gorengo mailan, Ohorezko Mailan, lehiatzea ere badakite zer den. Dena den, Inma Saez zuzendaritzako kideak argi dauka klubaren helburua zerk behar duen izan: «Azpiko kategoriatan erreferente izaten jarraitu nahi dugu, urte asko gabiltza lanean, eta ez da aldatu filosofia. Era berean, zortea izan dugu zuzendaritzan sartu izan den jende berriak ez duelako ikuspuntua aldatu. Errealistak gara. Azpikoa landu eta ikuspuntu hori ez galtzea da denboran irautea ahalbidetuko digun funtsezko ezaugarria». Inma Saenz ez da inoiz eskubaloian aritu, baina argitu du betidanik egon dela harremanetan. Jada 14 urte dira eskubaloiko zuzendaritza batzordean sartzea erabaki zuenetik; Zarauzko Kirol Elkartearen 40. urteurrenaren ospakizunean eman zuen pausua. Orduan 13 taldek osatzen zuten, «eta gaur gaurkoz 33 gara, horietatik 18 emakumezkoak. Eskubaloiko bi eskola ere baditugu, bata Zarautzen eta bestea Orion. Eta benjamin eta alebinen kasuan 64 talde dauzkagu». Harridura sortzen duten zifrak dira, poztekoak izan beharko luketen datuak. Baina arazoak dituztela ohartarazi du Saenzek. «Iaz talde gehiago osatzeari uko egin behar izan genion, kantxen inguruan arazo garrantzitsua baitaukagu. Espero dugu datozen urteetan konpontzea». Kiroldegian eta Antoniano ikastetxeaan jokatzen dute, eta Orokietako frontoian marraztuta dagoen erreglamenduko kantxarekin partekatzen dute. «Saskibaloia eta areto futbolarekin tartekatzen ditugun jokatzeko lekuak dira, eta kiroldegiaz aparte ditugun leku horiek 1800etatik aurrera bakarrik erabili ditzakegu, eskola-kirolak lehentasuna baitauka». Batzuetan hiru taldek partekatzen dute kantxa bakarra, eta bere ustez horrela lan egitea zaila da. «Dena den, emaitza onak mantentzen ditugu». Saenzek, diskurtso argiarekin, ez du ihes egin nahi aldarrikapen batzuk airera bota gabe. Arazoez mintzatu da, baina ados agertu da arazo pozgarriak direla. Izan ere, Zarautzen kirola guztiz errotuta egonik, eskubaloiak indar berezia duela erakusten duten datuokin jakinarazi zigun hori zuzendaritzako kideak. Esaterako, gizonezkoen Zilarrezko Ohorezko Mailan dagoen taldeak (Amenabar Zarautz) etxean arerio entzutetsu baten aurka jokatzean, «sarrera kobratzen dugu, beste neurketa batzuetan ez bezala, hurbiltzen diren zale kopurua murriztu ahal izateko, harmailak ere ez baitira handiegiak». «Arazoa da, baina era berean eskertzekoa da. Zarautzen eskubaloiak duen babesa itzela da, guztiak harriturik geratzen dira jende gutxiago etortzeko sarrera kobratu behar izatearekin», azaldu du Saenzek. Esperientzia Harridura pizten duten zifra hauek entzutean, Karmele Makazaga zein Tere Lopetegi barrezka hasten dira. Aurreneko aldiz Ohorezko Mailan jokatu zuen taldearen parte ziren, 1982an. «Orduan lagun kuadrilla bat ginen, eskubaloiaren zaletasuna elkarbanatzen genuen, baina gure asmoa sekula ez zen izan elitera igotzea, ez genuen posible ikusten, alegia», kontatu du Karmele Makazagak. Behin igota, ordea, gauza asko aldatzen direla nabarmentzera pasatu da, bidaia kontuak tarteko. «Bidaia luzeak ziren, antolatu egin behar ginen». «Ni gogoratzen naiz Granadara joan behar gineneko egun hartaz. 16 ordu pasa genitun autobusean, 02:00etan abiatu eta 18:00etan heldu ginen, eta aterpetxe batean pasa genuen gaua», zehaztu du Lopetegik. «Ondo pasatzen genuen», hartu dio testigua Makazagak. «Kamisetak ere... Kamiseta zuriak ziren, zenbakiak erosi, josi eta horrela jokatzen genuen. Igotzean, jada, babesleren bat eduki genuen», dio erdi barrezka Lopetegik. Anekdota asko gordetzen dituzte biek ala biek. Lopetegi Saenzekin batera sartu zen zuzendaritzan, baina lau urteren buruan utzi egin zuen, entrenatzaile lanetara igarotzeko. «Nire ustetan ez zen behar bezala eskertzen zuzendaritzako lana, eta nahiago nuen kantxan egon, bertatik bertara. Hor askoz ere hobeto sentitzen nintzen, gehiago betetzen zidan». Garaipenak, haurrei eskubaloia erakustea eta haiek hezitzea zen haren grina. Karmele Makazaga ere entrenatzaile lanetan dabil, Zarauztik at jokalari moduan elitean urte gehiago eman ondoren. Orain, duela bi urtetik, infantilekin dabil lanean. 18 urterekin irten zen herriko taldetik, espainiar selekzioan jarraitzea ahalbidetuko zion aukera gehiagoren bila. Bartzelonako Olinpiar Jokoak jokatu zituen, Zarautza itzuli zen, eta Hernanira joan zen beranduago. «Orduan ez zegoen ez etete klausularik, ez dirurik. Nire helburua gorengo mailan jokatzea zen, eskubaloia gustatuz gero hori baita handiena. Ekonomikoki ez nuen ezer jaso, azkenengo urtean Bera Beran zerbait, baina bidaietarako eta ezer gutxi. Baina esperientzia aldetik asko ikasi nuen, asko bidaiatu nuen, eta lagun asko egin nituen». Oraindik ere eskubaloiaren «frikia» dela onartu du, eta ahal bezain beste neurketa ikusten dituela. Zarautzen eskubaloiak duen zaletasuna ulertzeko, familia bereko belaunaldi berriek emandako jarraitutasuna aipatzea beharrezkoa da. Makazaga, Saenz zein Lopetegiren seme-alabak eskubaloian dabiltza, eta aurreneko bien gizonak ere jokalariak izandakoak dira. «Etxeko guztiak», laburbiltzen du Lopetegik. Kluba bera, pertsona askok osatua izanik ere, familia bat bezala deskribatzen dute solaskideek. Eta familia bat den heinean, ahalik eta zoriontsuen ikusi nahi dituzte jokalari guztiak. «Jarraitu nahi duenak beti edukiko du tokia gure klubean», dio tinkotasunez Makazagak. Beste herri batzuetan gertatzen denaren adibidea jarri du, Zarautzek nola funtzionatzen duen argitze aldera. Infantiletan bost talde izanik, ez dute onenen arteko talde bat egiten, «gutxi gorabehera guztiak antzerakoak egiten ditugu, lehiatzera joaten gara, baina guztiek ondo pasatzea da helburua». Kadete eta jubenil mailan bai egiten dituzte bereizketak, Euskal Ligan ahalik eta hobetoen lehiatzeko, «baina herri askotan onenen arteko mugimendu horiek infantiletan egiten dituzte, eta ondorioz haurrek azkar uzten dute kirola». «Eta astebururo 40 gol jasotzen badituzu...», zehaztu du Lopetegik. Onenen arteko bereizketa goiztiarra egin edo ez egin, Saenz beste kontu batek kezkatzen du, eta azaldu duenaren arabera, ez da kezka hori barnean duen kide bakarra. Kadete mailatik jubeniletarako jauzia da arazoa. «Gipuzkoako Federazioan 35 talde kadete daude, baina jubenilen 12 bakarrik lehiatzen dira. Gure kasuan bostetik bira murrizten da», zehaztu du. Ikerketa baten berri eman du segidan, Gipuzkoako hiru zonaldetan egina: Egian (Donostia), Zarautzen eta Zumarragan. «Jubenil neska eta mutilen motibazioak zeintzuk diren jakiteko lana egin da, arrazoiren bat aurkitzeko murrizketa horretan». Horretaz zer uste duten galdetzean, ezjakintasuna da nagusi. Kuadrillan sakabanatzea, kalitatea lehenestea, eta eskasagoak direnekin gertuko lana ez egitea dira hiru zarauztar hauen usteetako batzuk. Zerbaiten parte sentitzearren garrantzia «Guretzat eskubaloia familia bat da, eta hortik inor ez kanporatzen saiatzen gara. Garrantzitsua da txiki-txikitatik pentsamendu hori errotzea», azaldu du Makazagak. Talde giroaren defentsa sendoa egin dute guztiek, eta Tere Lopetegik halaxe aipatu du: «Guk beti lehenetsi izan dugu. Saiatzen gara transmititzen bakoitzak eman dezakeena. Adibidez, nat izan daiteke adar jotzearen liderra. Talde giro moduan hitz egiten dugu». Babesa txikitatik eman behar zaielakoan daude, txarra adjektiboa ez erabiliz. Izan ere, badaude haurrak hori barneratuta dutenak, «eta zergatik izango da ba eskasa?», galdetzen du Makazagak. «Bakoitzak badu hemen bere egitekoa». Kadeteen kasuan, esaterako, Inma Saenzek adierazten duen legez, nerabezaroaren erdian izaki, zerbaiten parte direla sentitzearen garrantzia nabarmendu zuten: «Baztertuak ez sentitzea, alajaina». Bide beretik jarraituz, Lopetegik nabarmendu du autoestima pertsonal bat dela, eta guztiak ondo sentituz gero, «taldea hazi egiten da, baita kluba ere, eta guztiok egiten dugu arraun bide beretik». Diskurtso hori barneratuta ezinbestekoa zen itaun zehatz bat mahai gainean jartzea: zer da garrantzitsuagoa, harrobiko klub erreferentea izatea ala gorengo mailara igo eta kanpotik fitxaketak egitea bertan mantentzeko? «Argi eta garbi erreferenteak izatea, urteak daramatzagu, zuzendaritza batzordea aldatzen joan da, eta filosofia beti izan da berdina. Gurea harrobia da, oso errealistak gara. Gure helburua da Amenabar eta Aiala ahalik eta goren egotea, orain bezala Zilarrezko mailan, baina gurea harrobia da», dio zuzendaritza batzordeko kideak, seriotasun osoz. Filosofia horren baitan, jokalari onenen ihesaldia jasan behar izaten dute. Asko dira gorengo mailako taldeetara joaten direnak. «Zuzendaritza batzordeko kide gisa, kostatzen da hainbeste urte zure klubean egon den jokalari bat agurtzea, baina onena opatzea besterik ez zaigu geratzen», dio Saenzek. Jakitun dira beraien gabeziez, badakite batzuek gehiago hobetzeko kanpora joan behar dutela. Horregatik formazio klausulez mintzatu dira; betidanik eduki izan dute, baina ziurtatu dute inoiz ez dela izan dirua lortzeko bide bat, «jokalariak beraiek balorean jartzeko modu bat baizik». «Jende asko joan da Zarauztik gutxieneko kpuru bat jarrita, eta joan nahi duen jokalari guztientzat negoziatzeko aukera dago», zehaztu du Saenzek. Irteera goiztiarrak ez gertatzeko, ikasketek zerikusi handia dutela aipatu dute. Halaber, erreferente izate horrek «pribilegio» moduko bat eskuratzea ahalbidetu die. «Bidasoa zein Bera Bera legez, daukagun pribilegioetako bat da, abantzu edo trebetasun oparoa duten jokalariei beka moduko bat ematea, horrela gurekin jokatzen jarraitu ahal izateko. Hau da, jokalari hauek joateko arrazoi nagusia ez izatea eskaini diezaieketen dirua», nabarmendu du Saenzek, horrela etxean eta ikasketekin normaltasun osoz jarraitzea ahalbidetuz. Hala eta guztiz, beti ere diruarekin zoratu gabe ibiltzeko asmo tinkoa agerian jarri dute. Gaur gaurkoz, ez dute bideragarri ikusten bi talde gipuzkoar emakumezkoen Ohorezko Mailan egotea, duela bi denboraldi gertatu zen legez. Mantentzeko dirua behar dela baieztatu dute, eta «dirua jartzen duenak emaitzak nahi ditu, eta emaitzak heltzen ez direnean guztia kili-kolo jartzen da. Guk ez dugu eredu hori nahi, bi talde goian eduki nahi ditugu –Zilarrezko Mailan–, eta hor jokatzera heldu ezin daitekeena edo nahi ez duenak beste talde batzuk eduki ditzala, eskubaloiaz gozatzen jarraitu dezan», argitu du Makazagak. Oinarriko lana egoki egitea funtsezkoa dute denboran zehar mantentzeko.
booktegi.eus Julene Azpeitia lehiaketa Bilduma honetan dauden ipuinak Durangoko Julene Azpeitia lehiaketak sarituak dira. Azala: Imanol Larrinaga Bizitzaz haraindi Ipuinak AURKIBIDEA Bihotz gorriak Josu Waliño Nire baitako zeldan gatibu Oihane Unzalu Aldekoa Ezin ezer esan Erik Arevalo Muñoz Bizkarretik, hain zuzen ere Mikel Zubeldia Etxeberria Euren oroimenez Maider Aierdi Gazteluiturri Bizitzaz haraindi Oihane Unzalu Aldekoa Ostadarraren argia Itxaso del Olmo Lopez Ijitoa Aritz Arrizabalaga Bihotz gorriak Josu Waliño Egunero jartzen zion otarrean zelaietan aurkitutako marrubirik ederrena. Beste inor baino lehenago jaikitzen zen goizean, horretarako. Lehen eguzki izpien bakardadeaz zelaiak zeharkatu, eta marrubi guztien artean ederrena bilatzen zuen. Odolaren kolorekoa. Eta bihotz baten itxurakoa. Egunero aurkitzen zuen horrelako marrubia, eta egunero jartzen zion otarrean beste inor jaiki baino lehenago. Uda osoa igaro zuen lanean, Frantziako zelai berdeetan marrubi gorriak biltzen amaren ondoan. Eta beraiekin, mundu guztitik lanera etorritako beste hainbat familia, txindurrien moduan, udan bildu nahian negua igarotzen lagunduko zien diru apurra. Eta han, bihotzen antzeko marrubi artean, maitemindu zen lehen aldiz. Ez zen neska polita, baina bere tristuraren begiradak gorritu zion bihotza. Lanean topatu zuten elkar, eta lanean begiratu zuten elkar. Tristuraz neskak. Maitasunez berak. Eta lanean jarraitu zuten. Baina neskaren tristura bihotzean geratu zitzaion, eta marrubiek maitasunaren kolorea gorria zela esan zioten. Eta berak, sentimenduak adierazteko hizkuntza baten faltan, bere bihotza ematen zion egunero. Marrubi baten itxurako bihotza. Ama batek ezagutzen du semearen bihotza. Ezagutzen zuen berak ere maiteminaren kolorea, eta aspaldi zegoen semeari noiz tokatuko zain. Antzeko adinez maitemindu zen bera ere, hamalau urterekin, eta orduan ere mundua marrubi kolorekoa iruditzen zitzaion. Gero jakin zuen ez zela hala. Goizero ikusten zuen semea, beste jornalariak jaiki aurretik zelaietara joan, eta han aurkitutako marrubirik ederrena neskatxaren otarrean uzten. Eta goizero tristatzen zen ama, bazekielako uda amaitzean etxera itzuliko zirela, eta gainontzekoek ere hala egingo zutela, eta marrubiak ez zirela gehiago bihotz izango. Eta uda amaitzean, marrubien koloreak gorri jarraituko bazuen ere, ez zuten gehiago zapore gozorik izango. Bihotz minaren zaporea izango zuten. Goizero, aita eta biak bizi ziren etxolako atea zabaldu bezain pronto, marrubien otarra arakatzen zuen Mariak. Eta goizero, bere maitasunaren forma zeraman marrubia aurkitzen zuen bertan. Gorria. Ederra. Goizero, bizitzak merezi zuela zerion bihotza aurkitzen zuen otarrean, eta, maitasunez, magalean jaso eta indar berriz abiatzen zen gorri kolorez jositako zelai berdeetara. Lanera. Eguna ematen zuen bere otarra behin eta berriz marrubiz betetzen. Gorri-gorriak batzuk. Laranja antzekoak besteak. Borobilak, hiruki antzekoak, txikiak, handiak, kolpatuak eta distiratsuak. Baina inoiz ez zuen aurkitzen magalean zeramanaren edertasuna zuenik. Magaleko patrikan zelai horietako marrubirik ederrena gordetzen zuelako. Eta goizero, bezperakoa baino marrubi ederragoa izaten zen. Bihotza irrikan zuen arren, ez zekien nor zen bere ezkutuko maitalea. Bere adineko mutil asko zebiltzan inguruan, goizetik gauera lanean, eta batzuk inoiz begira sumatu bazituen ere, ez zuen inoiz inorekin hitz egin. Ez zuten elkarren hizkuntza ulertzen. Goizero esna egoten zen. Adi. Bazekien ate ondoan pausu hotsak entzun bezain pronto jaikiz gero, hainbeste desio zuen hura topatuko zuela, isilka, bere bihotza otarrean utziz. Baina bazekien ere, bera ohetik mugitu bezain pronto, ohe berean lo egiten zuen aita ere esnatuko zela, eta hobe zen horrelakorik ez gertatzea. Hobe zuen bere maitasunaren gorria bihotzean gordetzea. Ia emakumea zen. Haur bat izan zen bitartean lan ugari egin behar izan zuen berak familia aurrera ateratzeko. Eta orain, trukean zerbait espero zuen. Berak hazi zuen. Berak hezi zuen. Eta orain, ia emakumea zen. Beraz, bazuen biontzat lan egiteko gaitasuna. Ama falta izanaren errua ez zen berea. Alabarena baizik. Bere etorrerak eragin zuen amaren falta. Berari zegokion beraz, amaren papera betetzea, finean ia emakumea zen. Eta aspalditik ari zen ongi betetzen paper hori. Guztiz. Bera gizon heldua zen. Etxolaren kanpoan itxaroten zion egunero, iluntzero, marrubien otar hutsarekin bueltan zetorrela. Emakume itxurarekin zetorrela. Eta gauero, etxolara sartzeko imintzioa egin bezain pronto, besotik heltzen zuen. Besotik heldu, eta maindireko patrikan gordetzen zuen marrubia hartzen zion. – Hori nirea da! –esaten zion alabak orduan. – Zu nirea zara. –erantzuten zion aitak, marrubia eskuratuz. Maitasun keinua zen marrubi hori. Alabak aitari eskainitako maitasunaren adierazgarri. Zer bestela? Eta gauero, egunaren azken argien agurrekin alaba gelara joaten zenean marrubia jaten zuen aitak. Astiro. Bere zapore gozoa dastatuz. Eta marrubiaren gorritasun gozoa oraindik ahoan zuela, gelan sartzen zen bera ere, gozotasun gehiagoren bila. Azken finean, ia emakumea zen. Poliki. Astiro. Eta... klak. Marrubiak biltzeko labana sartu zion lepoan. Eta eskutan, bero, odolaren zirristak sentitu zituen Mariak. Marrubien kolorekoak. **** Gau osoa eman zuen esna. Sukaldean eserita. Adi. Eta egunaren lehen argi-izpiekin, goizeroko pausu hotsak entzun orduko, zegoen tokitik jaiki eta atea zabaldu zuen. Kaleko atea. Marrubiz gorritutako zelaietara ematen zuen atea zabaldu zuen. Eta bere bihotzaren atea zabal-zabalik geratu zen. Ate aurrean zegoen. Begira. Berari begira. Eta berak, oraindik ere marrubia eskuan zuela, bere begiradaren hitzak ulertu zituen. Begiak baitziren haien ahoak. Begiradak hizkuntza. Eta bihotzak, elkar ulertzeko erabiltzen zuten sentimendua. Horrela ulertu zuen eskuan zuena zela jasoko zuen azken marrubia. Baina marrubi horrek ere, beste marrubiek bezala, kolore gorria arinduko zion otar baten beharra zuen. Eta elkarrekin joan ziren bere etxeko atariraino, marrubiz jositako zelaien, eguneko lehen argien itzalpean. Han utzi zuen marrubia. Bihotz itxurako marrubia. Bere amaren otarrean utzi zuen marrubia, bihotza airean gorri. Eta Mariaren eskua helduz, elkarrekin zeharkatu zituzten bihotz gorriz jositako zelai berdeak. Eta elkar maitatuz abiatu ziren beraien maitasuna gorri koloretik berdera aldatzen utziko zien mundu berri baten bila. Esperantzaren berdea. Eta maitasunaren gorria. Biak elkarrekin. Bihotz itxurako marrubiak osatuz. Nire baitako zeldan gatibu Oihane Unzalu Aldekoa Euskara da gure territorio libre bakarra Urtarrilak 12 asteartea Gaur ez nago pozik. Gaur, gorrotoa da sentitzen dudana. Izan ere, denak berdin jarraitzen du, ezer ez da aldatu. Goikoek, mintzo dudan hizkuntza, nire herria, nire izate osoa, maite dudan hura zanpatzen duten artean, ezer egin ezinak sortzen didan inpotentzian murgiltzen naiz. Eta honen inguruan pentsatzean, eta tristurazko sentipen horren ondorioz, begietako kobazuloetatik, ur gaziko tanta ikusezinak ateratzen zaizkidala nabari dut. Ondoren, masailetako maldan behera abiatu dira bata bestearen atzetik, 1 m eta 60cm eskas dituen gailurretik behera doazenak, abiada bizian, eta geroago, lur gogorrarekin talka egitean bizitza eta heriotzaren arteko muga igaroko dute. Zerbait egin behar dut. Maite dudan hura defendatu behar dut. Ezin dut hiltzen utzi. Horixe baita nire izatea eraikitzeko piezak sortzen dituen makina. Korapilo bat daukazu barrenean. Aska ezina. Burua erabat nahasturik duzula, barrua hutsik sentitzen duzu. Eta hor zaude, etsipenak jota, gaitz honi nola aurre egin ezin asmaturik; berau, minbizia bailitzan hedatuz doakizun artean. Dena daukazun uneetan, zerbait falta zaizula nabari duzu. Dena da gabezia zure baitan. Eta ezin ulertuko duzu zergatik. Orduan, betetasun bat sortaraziko lizukeen zerbaiten bila hasten zara, orrialde hutsetako liburuetan barrena. Aurkitu ezin eta etsipenarekin borrokan. Baina, gaurkoan ere, bila zenbiltzan horri hutsune garratz batek kenduko dio lekua. Gaua da. Izarrik gabeko gaua zuretzat. Zure buruarekin haserre eta lur jota, ohera zoaz. Eta bihar beste egun bat izango denaren ametsetan igaroko duzu gaua. Ezer aldatuko denaren esperantza handirik gabe. Bihar, berriz, begiak irekiko dituzun jakin gabe. “Eta horrela gertatuko balitz? Une hau izango balitz nire bizitzako azkena?” pentsatu duzu. Orain ohartu zara; horrela balitz, zure pentsamendu, bizipen eta sentimenduak zure gorpuarekin batera ehortziak izango lirateke. Zure izate osoa oroitzapen eskasetan bilakaturik geldituko litzateke. Ehun pertsonatik gorak gogoratuko zintuzke zure heriotzaz berrogei urte geroago ere, baina benetan, hor sakon-sakonean, inork ez luke jakingo nor izan zinen. Urtarrilak 20, asteazkena Gaur, berriz ere, zerbait naizela sentitu dut. Gaur, berriz ere, norbait naizela sentitu dut. Gaur, berriz ere, ni naizela sentitu dut. Gaur, berriz ere, aske sentitu naiz. Behingoan, euskaldunok sentitzera kondenaturik gauden inpotentzia horretatik aske. Gaur eman dut lehen pausoa. Iosuk, horrelakorik ez egiteko esan dit, arriskutsua dela, behin sartuz gero ezin aterako naizela... Batzuetan nire ama bailitzan jokatzen du. Egiteko bat dut. Eta horretarako nire sorterrira itzuli beharra daukat. Behin, ustezko etorkizun hobe baten truke saldu nuen tokira. Ostirala da. Beste ostiral bat. Arraro sentitzen zara asteko egun honetan. Asteko ostiral bakoitzean. Tren geltokian zaude. Bakarrik. Zure helmugara eramango zaituen trenaren zain. Herri hartara zoaz, zure oroitzapenak besterik gordetzen ez dituen herri hartara. Sortu zinen tokira. Badirudi zure bihotzeko zoko ezkutu bat bisitatzera zoazela. Trena parean duzu. Jendea aurrera eta atzera. Maletak han eta hemen. Eskuartean darabilzun zigarroa botatzeko garaia da. Pena emango balizu bezala begiratzen diozu; ondoren lurrera bota duzu eta gupidagabe zapaldu, belar idorrezko tripak atera arte. Barruan zaude. Eserleku huts eta bakarti bat ikusi duzu, bertan eseri zara. Pppppiiiiiiiiiiiiiii!!!!!!!!!!! Txilibitu hotsa. Trena abiatu da. Ez duzu libururik hartu irakurtzeko, zuk ez daramazu inolako bizkar-zorrorik. Izan ere, bidaia laburra da oso. Baina zugan, beste mundu batera bidaiatuko bazenu bezala izango da. Denboran atzera egingo bazenu bezala. Mugak, iraganak eta orainak ezarriko dituztelarik. Iritsi zara helmugara. Iritsi zara zure sorterrira. Urtarrilak 22, ostirala Bete dut egitekoa. Harro nago. Baina... beldurra sentitu dut, beldur handia. Beldurra eta dolumina. Gizon harengan eta bere senitartekoengan pentsatzean, barne zauri desatsegin bat ireki zait. Dena den, bide bakarra dugu aurre egiteko. Bi aukera daude; edo beraiek, edo gu. Baina, harro nago neure buruarekin. Neguko egun triste horietariko bat da hau, zeinetan hotzak eta iluntasunak presentzia nabaria duten. Ezker eskua zigarroarekin kateaturik duzula, zutik zaude, zure haurtzaroko orduak igaro zenituen jolastoki hartara begira. Haurren oihuak eta algarak entzun ditzakezu zure baitan. Berriz ere haur sentitu zara, berriz ere zoriontsu. Ezjakintasunaren mantupean goxoki babestua, erabat babestua sentitu zara. Hotz egiten du. Eta zigarroa eutsiz darabilzun eskua izozten ari zaizula nabari duzu, baina ez zaizu gehiegi ardura, ez baita zuretzat nahiko arrazoi berau lurrera botatzeko. Oraindik ere pizturik dirauten sentikortasunezko izpi oldarrak urrituz doazkizu segundo bakoitzean. Izozten ari zarela sentitzen duzu. Bat batean, estalki eta babesleku duzun sabaitik behera eroriaz doazen ur tantek lurra jotzean eginiko hotsak, murgilduta zeundeneko mundu isil eta baketsutik atera zaitu berehala. Momentu horretan, so egin diezu, zure bakea haustearen ordainez zurekin zorretan daudenaren begiradekin. Begira zaude oraindik ur txorrotadek sabaitik nola jauzi egiten duten gero lur gogorrarekin tupust erabakior bat egiteko. Tanta horiei begira zaude oraindik, sorgindurik bezala. Hauen heriotza behatuz ari zara, nola desintegratzen diren, desegiten diren, hiltzen diren. BBBOOOOMMM!!!!!!!!! Zeru lurrek dardara bortitz bat egin dute bat batean. Zure eginbeharrak igaro du bere jomuga, bere meta. Une honetan, haize hotzaren pasiadak nabaritzen dituzu zure masailetan barrena, aurpegia izoztuko dizula ematen du. Min arin bat ere sentitzen duzu, ganibet baten bizarrak azala karrazkatuko balizu bezala. Orain hotzikara bat egin da zure gorputz osoaren jabe. Beherantz begira jarri zara, egin duzun horretan pentsatzen. Une batez, lotsa sentituko bazenu bezala. Une batez, lotsa, beldurra,... une batez, damutasunak bilduko bazintu bezala sentitu zara. Une batez, errudun. Ozta-ozta gerriraino helduko zaizun aurreko pareta txikiari begira jarri zara. Eta kolore bizietakoa gogoratzen duzun pareta hori, txuri-beltzean ikusten duzu, eta are errudunago sentitzen zara orain. Urtarrilak 23, larunbata Orain etxean nago. Ni bakarrik. Bakarrik bai, Iosuk eta biok eten egin dugu. Beno, zu ezin zaitut engaina nire eguneroko maitea, utzi egin nau. Zuk hain ondo dakizun erabaki hura ezin onarturik alde egin du. Oraindik ere bera baino garrantzitsuagoa ote den ongi ez dakidan horren ondorioz galdu dut. Ordu erdi igaro dut atera begira. Iosuk atea irekitzean egurrak ateratzen duen oihu mingarri hori entzun zain, hori aditzeko esperantzaz. Bi ordu igaro ditut mahai gaineko telefono beltzari begira, honen txirrin hots monotono eta desatsegina entzuteko esperoan, hori aditzeko desiraz. Esku batean zigarroa eta bestean biok agertzen gareneko argazkia laztanduz aritu naiz. Orduan ohartu naiz. Orduan ulertu dut. Ez da itzuliko. Gaur, esnatu zarenean, maite duzun horri hutsune garratz batek lekua kendu diola ohartu zara. Ohearen bestalderantz biratzean, ausentzia topatu duzu, begirada tinko batez so egiten dizularik, zure zain balego bezala. Orduan, zure barrenean korapilo bat ehunduz joan da astiro-astiro. Arnasa hartzea bera ere eragotziko dizun korapiloa. Burua erabat nahasturik duzula, barrua hutsik sumatuko duzu. Gaur, bakarrik sentitzen zara. Bakarrik tamalez. Bakarrik berriz ere. Orain, bakardadea delarik arnas dezakezun oxigeno bakarra, denboran atzera egin nahiko duzu une batez, berriro iraganera bueltatu; horrela, agian, gauzak ezberdinak izan litezkeela imajinatzen duzu. Momentu honetan, guzti hau amets gaizto bat bailitzan irudikatzeko gai izan nahi zenuke. Gaizki sentitzen zara, zure bizitza osoan zehar eraiki duzuna amildegi batean galdua dela ohartzen zarelarik. Otsailak 12, osteguna Egunotan nahiko pozik ibili naiz. Pozik neure buruarekin. Pozik inguruan eraiki dudanarekin. Eta batez ere pozik naizen bezalakoa izatearren. Baina gaur nire iraganak oraina jango ote duen beldurra sentitu dut. Gaur nire oroitzapenetan gordetzen dudan arantzak ziztada berri bat egin dit, odol tanta garratz bat isuriaz. Gaur, orainaren erlojuak bere orratzak atzera begira jarri ditu. Orain denbora atzerantz balihoa bezala sentitzen naiz. Berriz ere triste. Berriz ere bakarrik. Berriz ere beldurturik. Oraindik ere nire memorian hain bizi dirauten egun mikatz haietan bezala. Etxean zaude, liburu potolo bat eskuartean duzula. Hitzak esaldiak, parrafoak... astiro irakurtzen dituzu orrialde horietan ezkutuan dirauten gauza guztiez jabetu nahirik bezala, bat batean telefonoaren txirrin hotsak mundu horretatik bortizki atera zaituen arte. Eta telefonoa ondoan badaukazu ere, ez duzu aurikularra jaso. Hiru aldiz jo du. Eta zu geldi zaude beroni begira, izozturik bezala. Isildu egin da. Orduan erlojuari so egin diozu, segundorik segundo aldatuz doazen zenbaki horiei begira zaude, nola batzuk ezerezean desagertzen diren, beste batzuei segundo bateko bizitzaren jabe izateko aukera emanaz. Bi minutu igaro dituzu horrela. Ostera ere telefonoa zarataka hasi den unera arte. Lau txirrin hots oraingoan. Ulertu duzu mezua. Heldu da momentua. Bihotz taupadak azkartu egin zaizkizu supituki, artega zaude zeharo. Liburua mahai gainean utzi duzu axolagabeki. Chesterfield paketea atera duzu galtza beltzetako patrikatik, zigarro bat ahoratu eta su eman diozu, birikak kez bete dituzularik. Eta ustekabean, sentsazio arraro batek bildu zaitu. Une batez, pentsakor gelditu zara, eta eternalki, liburua eskuartean duzula, jesarrita egon zareneko besaulkiari itsatsita geldituko zinatekeela sentitu duzu. Otsailak 17, asteartea Askotan uste izaten dut nire ingurukoek errealitatea ikusteko gaitasuna galdua dutela. Izan ere, errealitatea hain egiten da latza batzuetan, ezen, estali beharrean aurkitzen baikara sarri, hondoa jo ez dezagun. Egunero bidean aurrera egin beharrez esnatzen naiz. Bai beharrez, ez gogoz. Bide zidorrean aurrera egin nahirik gabiltza mila kiloko gurdia besoen indarrez eraman behar dugularik. Nik indar guztiz bultza egiten diot, beti aurrera, aldatzean gora eta zirkin amiñi batek bete egiten nau. Baina hala ere, gorantz begiratu eta ez dut helmugarik bistaratzen. Ez dakigu ziur gure metara noizbait iritsiko garen, ez dakigu meta hori existitzen den ere. Hamar pausu eman ditugu. Horietatik lau gibelera eta bat zulora. Zulora jausten garen bakoitzean gutariko batek ordaintzen du gu guztion zorra, gaur bera izan da, bihar ni izan naiteke, eta etzi zu. Benetan merezi ote du horrela sufritzeak? Galdera hauxe darabilt buruan etengabe, oraindik ere gelditzen zaizkidan indar urriez gurdiari tira eginez. Nekaturik nago, ahuldurik, nazkaturik. Jada ezin dut gurdia bidean gora jaso. Zerraldo erori naiz lurrera. Azken bultzada eman diot. Ez da mugitu. Aitzinera begiratu dut. Ez dago helmugarik Ortzirantz begira nagoelarik, zeru lurrek bat egiten duten tokira arte gurdia bultzaka eraman behar izango dugula iruditzen zait. Euskal Herriak pisu handiegia dauka berrogei eskuren indarrez norabait eramateko. Jada ez duzu ezertan sinisten, jada zeure buruarengan ere ez duzu sinisten. Inguratzen zaituen oro fartsa hutsa dela irudituko zaizu une honetan. Bizitza eta zeure burua bera arrotzak egiten zaizkizun une hauetan zure existentziari zentzua bilatu nahirik zabiltza, ezinean, hala ere. Eta, nolanahi ere, hor zaude, nor zaren eta hor zer egiten duzun zeure buruari galdezka. Eta ihardestea ezinezko zaizularik, erantzunak garrantzirik ez duela sinestarazi nahiko diozu zeure buruari. Une honetan bizitza gogorregia egingo zaizu. Une honetan, bizitza zigorra begitanduko zaizu. Une honetan, ezingo duzu gehiago. Etxean zaude, bakarrik, baina ez da hori latzena, latzena benetan bakardade hori barreneraino sartua daukazula da. Ohean zerraldo zaude. Egun osoko astuntasunaren gehiegitasuna nabaritzean kexatzen ere hasia zen zure bizkarrak lasaitu ederra hartu du ohean gorputza luzatu duzunean. Oheko burkoaren gainean dagoen kuxin ezin leunago baten gainean burua jarririk duzularik, izara artean ezkutatzen dituzun hankak gorantz tolesturik dauzkazu. Orriak bukatzear dituen ingurraztia zure izterren gainean jarririk, bolaluma leunki, erritmikoki dantzarazten duzu. Eta gogoetan gelditu zara une batez, izan ere, gaur, oheratzeko garaia noiz iritsiko pentsatuz esnatu zara. Bakarrik esnatu zara. Orain, ordea, bihar beste egun bat izango denaren esperoan oheratu zara. Loak albait arinen hartuko zaituen esperantzaz. Behingoagatik lo lasai egin nahi zenuke, zure barnea zulatzen duten pentsamendu horietatik at. Barrena garbi sentitu nahiko zenuke, eguneroko nahaspila horren presentziarik gabe. Irtenbiderik ez duen gauza berari milaka buelta eman gabe. Arazorik gabe. Amesgaiztorik gabe. Behingoagatik, bake eta armonia osoan. Egun osoan urrutian sentitu duzun poztasun hori guztia gauez jaso nahiko bazenu bezala, gaua zurekin zorretan balego bezala sentituko zara. Horregatik idazten duzu. Koaderno horretako orrialdeak, errealitateari ihesi egiteko pasaportea dira zuretzat; eta beraietan zure sentimendu, sentsazio, eta pentsamenduak adierazteak hegoak ematen dizkizu, askatasunera abiatzeko. Eta zure hitzak behin eta berriz irakurtzen dituzu. Pesimismoa nabari da beraietan. Edo bestela esanda, etsipena, oinazea, pairamena... orrialde horien atzean ezkutatzen dira. Lau pareta hotzen artean harrapaturik datzan arima mintzo baita hitz horiekin. Edozeren gainetik askatasuna errebindikatzen duen arima. Mundu ezberdin batez amesten duen arima. Zure arima. Otsailak 21, larunbata Beldur naiz. Ez dakit zer egin, ez nola jokatu, ez zer pentsatu. Nire azkeneko lanak ez du amaiera onik izan, arriskuan nago. Eta nire bila badatoz? Etxean materiala daukat. Harrapatu egingo naute. Kaka...! ez dakit zer egin. Alde egin dezaket. Baina nora? Amaren etxera ezin joan naiteke. Zer egingo dut? Nire bila etorriko dira, harrapatuko naute. Agian Iosuk arrazoi izango zuen... Zure aurrean neska bat ikusten duzu. Nahigabea eta tristura agerian uzten dituen aurpegi liraina du. Ile luze eta leuna sorbaldetan barrena eroriaz doakio. Bere begi gorrituekin so egiten dizularik, negarrez aritu dela igarri izango diozu. Begietara begiratzen diozu finko, eta begi horien atzean zulo beltz bat dagoela jabetuko zara. Eta ezin ulertuko duzu zer den, eta zer esan nahi duen. Gaztea da oso, baina hala ere, zigarroa esku artean ukanen duela dakusazu. Eta momentu horretan bere biziak garrantzirik ez duela jakingo duzu. Honela irakurriko duzu bere begietan, jada amestea zer den ere ahantzia duela. Esperantzaren haziak erein eta gogoz eta maitasunez ureztatu arren, fruiturik atera ez izanagatiko etsipenak harrapatu duela irudituko zaizu. Ea burutik zer pasatzen zaion itaundu nahiko diozu, baina isilik gelditzen zara. Ez diozu ezer esanen. Hala ere, begira daukazu oraindik. Eta zuk ere, begiekin so egiten diozu. Eta zuen begiradak guztia ebidenteegia egiten duela sentituko duzu. Esku bat jaso du neskak orduan, zu ukitu nahiko bazintu bezala, zurekin bat egin nahiko balu bezala. Zuk ere momentu berean zure besoa altxatu duzu eta berearengana zuzendu, baina elkarri ezer esan gabe. Bat-batean, eskua aurrerantz daramazularik, zure eskuak ispiluaren kristal hotzarekin tupust egin du. Eta momentu horretan negarrez hasi zara, jada zeure burua ezagutzeko ere ezgauza zarelako, jada zer zaren ere ziur ez dakizulako, jada nor zaren ere ez dakizulako. Zure etorkizuna gero eta ebidenteagoa den arren, gero eta arrotzagoa egiten zaizu, honek etsipenaren morroi bihurtzen zaituelako. Otsailak 22, igandea Nire haurtzaroko igandeez oroit naiz. Ama eta aitarekin mezara joaten nintzenean amak beti nire soinekorik ederrenaz janzten ninduen. Kolore gorriko lazoak jartzen zizkidan beti nire ile artean kateaturik. Igande haiek, nire herriko igandeak. Nire herrian egon nahi nuke orain ere, txikitan jolastu ohi nuen patioari begira. Txikitan jolastu ohi nuen zinburuetan. Ama jesarrita egoten zeneko banku hartan. Iosu lehen aldiz musukatu nuen toki hartan. Baina jada, berandu da, beranduegi. Eta egia esan behar badut, momentuotan, damu naiz. Esanak beharko luketen hitz horiek ahoskatzeko beta nahi nuke izan. Azken aldiz, maite zaitut esateko aukeraren jabe izan. Baina jada berandu da, beranduegi. Gaur, haizea izan nahi nuke. Inoiz, inor ibili ez den toki magiko horietan zehar paseatzeko. Haizea banintz inoiz amaierarik izango ez lukeen bidaia eginen nuke. Inoiz inork imajina ezinezko bidaia. Zeruranzko bidaia. Jada ezerk ez du zentzurik hemen. Jada idazteak berak ere zentzua galdu du, inoiz izan badu behintzat. Hemen nabil idatzi eta idatzi, gau eta egun, eta egia esan ez dakit zertarako. Ez dakit nori izkiriatzen diodan. Ez dakit hor, bestalde horretan, noizbait, norbait egonen den ere. Gaur, orain, dena arrotz egiten zait. Dena ezberdin. Badator otsoa, badator. Bere letagin zorrotzek urrundik dizdiz egiten diotelarik. Badator bai, badator, begiak zabal eta pauso arinez. Badator otsoa, badator, nire bila. Beraz, orain, hemen, honela, dena bukatzen da. Hauxe izanen da akaso ene diosala. Hauxe da nire bizitzako azken orrialdea. Izerditan eta negarrez iratzarri zara. Beldurrez, dardarka. Ingurura begiratu duzu bi eskuez malkoak xukatzen dituzun une berean. Eta bai, hor zaudete biok; zelda ilun horretan gatibu. Hor zaudete biok bai, zu, eta zure iragana. Orainik eta etorkizunik ez den munduan. Barrote hotzek mugarri papera hartzen duten toki horretan. Zarenak ardura ez eta izan zinenak pisu guztia hartzen duen lekuan. Lehen etorkizun hobe bat eraikitzen igaro ohi zenituen egunak oro, igaro zenuen bizia oro. Orain, aldiz, gerorik ikusi ezin eta gibelera begira bizi zara, zeure oroitzapenen gatibu. Gogoetan hasi zara. Izan ere, aspaldi da bisita ezak inolako dudarik, inolako itaunik sortarazten ez dizula. Zure lekualdatzearen gibeletik. Aspaldi da zure buruari ea zergatik zauden hor galdetzen ez diozula. Aspaldi da nor zaren ere ez dakizula. Aspaldi izan zinen horri begira bizi zarela. Hor barruan zaudenetik ez zara berbera. Batzuetan pertsona izateari ere utzia diozula pentsatuko duzu. Orain jada zerura begiratzeak ere ez du zentzurik izanen zuretzat. Jada ezin diozu zure zeruari so egin. Hor, begi bistan, izanen dituzu eguzkia eta orbain zuridun oihal erraldoia ere. Baina zer axola, ez da zeru bera. Eta hura aurrean duzula, oroitzen zara nola liluratzen zintuzten haizeak egin ohi zituen ibilbideek, zeruko urdintasunak besarkatzen zituen mendi gailurretan barrena. Zure mendietan barrena. Haizea darabilzu orain buruan; izan ere, bera da orain txunditzen zaituena. Berau da mezularirik fidelena. Eta, agian, haize hori zure mendi eta bailara horietan barrena ibilia izango dela otu zaizu, eta agian, soilik agian, amaren besarkada edo Josuren musu bat ekarriko dizula pentsatu duzu. Pentsatuz ari zara. Orain ohartzen zara. Inoiz existitu ez den orrialdean, inoiz idatzi ez duen boligrafoz, inoiz idatziak izan ez diren hitz multzo soila dela zure bizitza, inoiz orririk izan ez duen liburuan izkiriaturik. Ezin ezer esan Erik Arevalo Muñoz 1. Pinudia Pinus Pinaster, latinezko izena, izen zientifIkoa alegia, 1782a, ordea, landatzean gizonek jarritako zenbakia. Udaberrian izan nintzen landatua, ni bezalako asko bezala, gabonetan biluzik gelditu zen mendi magal batean. Han landatu gintuzten eta han bizi ginen gu, lasai, gure patua zein zen jakin gabe etengabe hazten eta hazten. Landatu gintuztenean asko ez ginen metro erdira ere heltzen, eta orain berriz batzuk bi metrora ere heltzen dira. Denak gara antzerakoak, berde kolorezko konoak, jostorratz itxurako milaka hosto berderekin, ederrak benetan. 2. Zurrumurrua Udazkenarekin batera heldu zen zurrumurrua. Ahoz aho zabaldu zen pinu guztietatik, gu ere gure artean komunikatu egiten garelako. Ez dugu ahorik, baina zuek, gizakiok, entzun ezin dituzuen soinu asko egiten ditugu. Hasieran ez zuen inork sinisten, inork ez baitzuen ezer ikusi, entzun bakarrik. Nola izan zitekeen, guri bizia eman ziguten gizon berberek, lurrean zuloa egin eta landatu gintuztenek, basakeria hori egitea? Baina ezinezkoa zen zurrumurru hori egia zela ikusi genuen denok, ondoko mendiko pinuek, garrasika, laguntza eskatzen zigutenean, orduan ikusi genuen dena, nola lurretik ateratzen zituzten, sustraiak apurtuz eta geratzen zitzaizkien sustrai apurrak zakuetan sartuz lur pixka batekin. Horrela egon ziren, eta hiru egunetan kamioietan eraman zituzten han zeuden milaka pinuak. Pinudi guztia desagertu zen, eragindako lurra eta sasia besterik ez zen geratzen han. Pare bat hilabete igaro zen pinudia akabatu zutenetik, gizonak berriro itzuli zirenean. Kamioiz ere etorri ziren eta gure amaiera zela pentsatu genuen, baina ez zen horrela izan, beste mendi batera joan ziren eta milaka zulo egin ondoren pinuak birlandatzen hasi ziren. Kamioitik atera zituzten, milaka zuhaitz txiki jarri zituzten, itxaropena berritu zitzaigun, ondorengo hauek sustraiak bota eta han finkatuko zirelakoan, baina laster ulertu genuen, beraien momentua ere helduko zela, gure bila etorri zirenean. 3. Gure ordua Udazkena zen, urte bat pasatu zen jada ondoko pinudiari gertatuaz geroztik, eta ia ahaztuta genuen. Goiz hotza zen, behe-lainoa zegoen mendi artean, eta urrunean entzun genuen kamioi hotsa hurbiltzen, heriotzaren hotsa. Aurreko urtean ikusitakoa bezala izan zen. Lurretik atera, kamioi batera igo eta handik eramaten gintuzten. Han nengoen ni, kamioi batean botata beste pinu askorekin pilatuta nora eramaten ninduten jakin gabe. Gelditu zen kamioi zaratatsu hura. Eraikinez beteriko leku batera heldu ginen. Hori izango zen herria seguruenik, horri buruz entzunda nuen, baina ez nuen inoiz ikusi, bizi osoan ez nintzelako menditik mugitu. Herria, gizakiak bizi zireneko, eraikinez beteriko lekua omen zen eta hala zirudien, jende mordoa baitzegoen leku guztietatik eta eraikin piloa ere bai. Han utzi gintuzten, lorez beteriko gela ilun batean. Lore denda bat zela ohartu nintzen hurrengo egunean loreak eta pinuak saltzen hasi zirenean. 4. Bizitza berria Han nengoen ni, goiz hotz hartan, gizon hura kotxez heldu zenean. Kotxetik jaitsi eta dendariarekin hitz egiten hasi zen, dendaria gizon zaharra zen, txikia eta zabala, eta indartsua benetan. Ez zuten asko hitz egin. Gizonak ordaindu, gugana hurbildu eta goitik behera begiratu ondoren lepoan hartu eta bere kotxera eraman ninduen. Atzeko atea zabaldu eta han utzi ninduen beste bidaia bat egiteko prest. Bidaia ez zen oso luzea izan. Bere etxera eraman ninduen. Han bere emaztea izango zen emakume bat eta ume txiki bat zeuden itxaroten. Ume txiki hori zen txarrena, hostoak kentzen zizkidan eta pila bat bolatxo eta kolorezko sokak eskegitzen zizkidan nire adar mehetan. Lorontzi batean sartu zizkidaten sustraiak eta enborraren beheko zatia, eta ehunka kolorezko bonbilla zituen kable bat jarri zidaten adarren artetik. Hasieran ez zitzaidan asko axola, denak, batez ere ume txikia, nirekin egoten zirelako. Umeak hitz egiten zidan eta nirekin jolasten zuen, batzuetan min egiten zidan arren, hostoak kentzen zizkidalako eta gero jostorratz itxurako nire hosto horiekin marrazkiak egiten zituen lurrean. Azkenean zakarrontzian amaitzen zuten beti, amak batu eta bota egiten zituelako, horregatik beti hosto berriak behar zituen eta gehiago kentzen zizkidan. Baina denbora pasatu ahala gero eta gutxiago egoten zen nirekin, telebista ikusten jartzen zen eta ez zidan jaramonik egiten. Egun batean opariz inguraturik esnatu nintzen. Hura bai zoramena! Umetxoa pozaren pozez zegoen, eta han egon zen, nire ondoan, goiz osoa opariak zabaltzen eta gero beraiekin jolasten. Baina nireganako axolagabekeriak aurrera jarraitzen zuen, eta, handik gutxira, amak dena batu zuen, bolatxoak, koloredun kordelak, bonbillak... Seinale txarra zela susmatzen nuen nik. Ez nekien zer gertatuko zitzaidan, baina ezin zen oso ona izan. Egongelako izkina batean utzi ninduen amak, hormaren kontra. Ez zen denbora asko igaro gizona heldu eta lepoan hartuta etxetik atera ninduenean. Kontainer baten ondoan utzi ninduen botata. Han egon nintzen botata egun piloa. Zabortegira doan kamioia pasatzen zen bai, baina ez gintuen batzen, gintuen esaten dut, ni ez nintzelako han pinu bakarra, beste bi zeuden, nire egoera berdinean, han botata. Orain arte bizirik iraun dugu, niri, besteei bezala, noizean behin lorontzira ura botatzen zigutelako, baina kalean sikatzen hasiak ginen. Hostoak zimeltzen hasiak ziren eta amaiera hurbil sumatzen nuen. 5. Azkeneko bidaia Iluntzen hasia zen gure ondoan kamioi txiki bat gelditu zenean. Gizon handi bat irten zen barrutik, enborretik hartu eta atzeko aldera bota gintuen. Han gu bezalako pinu asko zeuden, batzuk siku-siku eginda, beste batzuk ez hainbeste. Bakoitzak bere istorioa zuen; ondokoak kontatzen zidan bera dendan egon zela denbora guztian, ez zuela inork erosi eta azkenean bota egin zutela, beste batek umeak su eman ziola eta horrelako gauzak. Arrazoi batengatik edo beste batengatik denek amaitu zuten zakarrontzian eta han geunden, berriro ere kamioi batean, nora gindoazen jakin gabe eta hori galarazteko zer egin jakin gabe. Heldu ginen azkenean, bidaia luzea eta oso mugitua izan zen, kamioia asko mugitzen zelako eta askotan gelditzen zelako pinu gehiago batzeko. 6. Amaiera tristea Lantegi itxurako leku zikin batean utzi gintuzten botata, han egurrezko gauza zahar piloa zegoen, armairu zaharrak, aulki apurtuak, zuhaitz desberdinak etab. Bazirudien azkenean denon patua berdina izango zela. Hurrengo goizean, gizonak lantegian agertzearekin batera heldu zen gure amaiera. Makina txikitzaile batera botatzen zituzten gauza guztiak. Azkenean hilik eta hauts bihurturik, nire bizia zertan oinarritu zen pentsatzen hasi nintzen, beti gizakien menpe, gizakien zerbitzura, ezer ezin esan gabe. Pasatu da aroa, non zuhaitzak libre jaio, hazi eta hil egiten ziren. Gaur egun gizakien menpe bizi gara. Beraiek erabakitzen dute non eta noiz landatu eta noiz moztuko gaituzten, eta ondoren gurekin zer egin, gabonetako apaingarri gisa erabili edo txikitu eta txotx bihurtu. Eta orain hemen nago, edozein etxetako armairu bateko ohol zati bat naiz, nire zerrautsarekin, beste askorekin batera, egur aglomeratu zati bat besterik ez baitzuten egin. Nire bizitzaren historia hau irakurtzen bukatzen duzunean, hartu minutu bat eta pentsatu lore, zuhaitz, animalia edota edozein izaki bizidun erosten duzunean bizi bat erosten duzula. Eta bizia gauza guztien gainetik errespetatu behar da. Edonor edo edozein izanda biziduna, gizakiok bizitzeko eskubidea badugu, beste izaki bizidunek zergatik ez? Bizkarretik, hain zuzen ere Mikel Zubeldia Etxeberria Keuner jaunak erantzun: “Ez dut nire bizkarra inork txikitzerik nahi. Izan ere, Boterea baino luzaroago bizi beharra daukat. (Bertolt Brecht) Galdutako kartazalak, Föergell enpresako akziodun nagusiaren esku egon beharko zuen ordubete barru, derrigor. Horrexegatik, ohizko irabazle maskara ez baina, erabat desitxuratutako karantza zurbila ageri zuen eguerdi hartan, Möergell enpresako zuzendari orokor, Ataulf Tarqquus jaunak. Bizitzako lehen porrota erditzera balihoa bezala, eskuak giltzurrun aldean bilduta zeuzkan, eta izerdi patsetan zen, erabaki garrantzitsuenak hartzen zituen piraña-ontziari pega-pega eginda; begirada galduta eta pentsakor. Matriuska erraldoi baten modukoa zen Föergell enpresa, are erraldoiagoa zen Möergell matriuskak mendean har zezan, aurkeztu beharreko dokumentu sekretuak zekartzan kartazalak. Hura aurkeztu besterik ez zuen Ataulf Tarqquus jaunak, bi enpresen arteko absortzioa ahalbidetzeko. Batuketa estrategiko horren bitartez, Zöergell-ek, hiruretan matriuska handienak, Moërgell gupidagabe ez irenstea erdietsiko zukeen Tarqquus jaunak1. Hil ala biziko paperak ziren, beraz. Tamalez, hor nonbait galduta zen kartazala. Inork haren berri ematen ez zionez, halako batean, Ataulf Tarqquusek buelta erdia eman eta Jainkoarren! Non da kartazala! orro egin zuen. Haren berunezko eskutu- rrak kaoba-zur iluneko mahaian talka egin eta metalezko oihartzun, uhin, dardara zein Siberiako hotzak, Moërgell matriuskako horma guztiak gainditu eta, bost mila langileen lepo-buruetara barreiatu ziren, domino fitxa erreskaden modura. Edozer gauza egiteko prest zegoen Ataulf Tarqquus jauna paper horiek lortzearren. Hain garrantzikoa zen kartazal hura, Dubio, enpresako postari ezgauzaren esku lohietan zebilela jakin izan balu, ja-ta oliba begiak bere eskuz atera eta Moërgelleko garabi altuenetik urkatuko zukeen. Dubio gizajoa ez zen ordea kanpoan gertatzen ari zenaren jakitun. Goizeko posta banaketa ia amaituta zeukala-eta, bazkal aurreko lo-susta egiteko asmoz, garai batean obusak fabrikatzen zituzten Moërgelleko pabilioi zikin eta ilunenera jo zuen. Zoko-moko hartan ezkutatuta, ez zion inork enbarazurik egingo. Gizon exkaxa zen Dubio, txoriño aurpegi gorrikaraduna. Koipeaz dekoratutako lan-jantzi laranja tripotxeraino askatuta zeraman eta, ile-xerlo urdinduak ageri zitzaizkion paparrean. Enpresa barnean posta banaketarako zerabilen patinetea zokoratu, prentsa zahar, trokel, eta gasezko labe korrokoilduen alboan, zorua tergalezko oihal batez estaliz, eta buruki moduan zahatoa ipinita, ohe antzeko bat moldatu zuen. Minutu eskas batera lo zetzan, goxo-goxo; poltsiko zabalean, marroi koloreko kartazal lodi bat ageri zuelarik. Obusez ari garela, ez da ahaztu behar Ataulf Tarqquus jaunak, galera handiekin zen Moërgelleko zuzendaritzara iritsi, eta harturiko lehen erabakia, igorle, jasotzaile eta mezua zeukaten etorkizunik gabeko obusak ekoizteari utzi, eta ez mezurik, ez igorlerik, ez eta jasotzaile jakinik ez zuten pertsonen kontrako minaz ordezkatzea izan zela2. Hortaz, inbertsio handiak burutu eta gero, UNDER-APPLE markako mina merke bezain eraginkorrak merkaturatzea menturatu zen. Erabaki horren eraginez, Moërgellen negozioak xanpain-aparraren modura egin zuen gora. Huraxe zen momentuz, haren lorpenik handiena. Ataulf Tarqquus jauna, enperadore handien modura, bere egintzez guztiz harro sentitzen baldin bazen ere, ez zegoen erabat kontent. Berak, aurrerago joan nahi zuen. Moërgell enpresako jabeek ontzi horretan agintzeko botere absolutuak eman zizkioten egun beretik, helburu bakarra baitzuen berak: Moërgell enpresaren betiereko lidergoa lortzearena, hain zuzen. Horretarako, enpresaren etorkizuna eta independentzia bermatzea derrigorrezkoa izango zen. Lehen neurri bezala, Foërgell, errifleak ekoizten zituen auzoko matruiska absorbitzea beraz, zilegi zen. Nondik hasiko zen baina, Tarqquus jauna, kartazalaren bila? Nola ebatziko zuen, itxuraz hain hutsala zirudien arazo larri hura? Moërgell hiri handi-mandi eta zatar baten modukoa zen, hainbat eta hainbat pabilioiez osaturikoa. Bost mila langile ziren zentsatuta, orotara. Ezbairik gabe, larrialditarako neurri zehatzak habian jartzea erabaki zuen. Hartarako, Esfinter kontseilari fidelarengana jo zuen. Berarentzako orakulu eta konfidente zen Esfinter jaunari itaunketa egin ondoren, berak esandakoa teknizismoz jositako antzeko hitz ederrekin errepikatu zuela ohartuta (ez zen losintxatarako garaia), Esfinter bera baino askozaz bizkorrago eta eraginkorrago zen Krutzger, azeri itxurako zuzendariordearengana jo zuen. Krutzger jaunak, estatuko unibertsitate gorenetatik hautatuak ziren Moërgelleko berrehun buruzagiak premiaz bildu eta ‘DI-DA’ izeneko Plan orokorra osotu zuen bost minutuen buruan. Plan orokor honen arabera, bi taldetan banatu zuen Moërgelleko buruzagien tropela: ezgauzak eta are ezgauzagoak. Bigarrengoak antzarak ferratzera bidali zituen. Guztira, 180 zuzendari gutxiago eta 44 minutu besterik ez. Bien bitartean Dubiok buelta erdia eman zuen, poliki-poliki, txokolatez bustiriko kruasana baino aurpegi gozoagoa ageriaz. Hain zegoen gustura, non ahozabalik, zoriontasunezko listu lerro bat -beirazko zubi garden legez- zerion, poltsikoan gordeta zuen kartazalean ainguratzen zena. Dubio, enpresako gizajo ofiziala, lankide guztiaren begietara, border-line pailazo bat baino ez zen. Moxkor fama ongi irabazitakoa izanagatik, lankideek iseka egiten zioten gupidagabe; haizeak txorimaloari bezala. Inor ez zekien ez zekien zoriontsu ote zen ala ez. Sentimendurik ba ote zuen. Eta are gehiago: inork ez zekien zehazki nongoa zen; inongoa baldin bazen. Hartaz zekiten bakarra, oso urrutiko herri batekoa zela, eta duela hogeita hamar urte, Moërgellera ailegatu baino lehenago, gaileta fabrika batean egin zuela lan. Besterik ez. Eta Moërgell enpresaren mundua, errauts bihurtzen ari zen momentu berean –gauzak nola diren-, amets ederren bat egiten ariko zen gure Dubio, zeinetan berak hainbeste laket zituen errepideetako klubetako dama ederrak erdi biluzik agertuko ziren, seguru aski; azpiko antena piztuta baitzekarren. Halako batean, Krutzger jaunak bere informazio sareen bitartez jakin zuen, kartazal hura Recquio izeneko kontu emaile batek, eman ziola Dubiori, Zuzendaritza Nagusira eraman zezan. Hor eten zen haria. Eta patinetean hamar minutu besterik iraun beharreko bidaiak, ez zuen oraindik bere jomuga iritsi. Recquio kontu emailea burumakur eta espantu aurpegiaz irten zen Krutzger jaunaren bulegotik; bigarren honek errukirik gabe kaleratu baitzuen kontu emailea. Akats barkaezina eginagatik. Hamaika eta erdietan gertatu zen hura. Alarma gorria piztu zen orduan. Non arraio ote zen Dubio? Urteetan, gixon maskal hartan erreparatu ez zutenek, haren bila hasi zen ero moduan. Hortaz, jendea laster- ka ikus zitekeen pabilioi, bulego eta aparkalekuetan barrena. Alde batetik bestera zebiltzan, inolako logikarik gabe. Baina denbora oso zitala da eta, Dubio aurkitzeko aukerak segundoz segundo murrizten ari ziren. 29 minutu. Moërgellen geratzen ziren hogei buruzagien mahaiek iltzatu gabeko egurrezko mahaiak ziruditen. Ukabilkadaz ukabilkada, mailuka ari baitziren etengabe, zentzuzko erabakirik hartu gabe zuzendariok. Gona motzeko idazkariak berriz, D-U-B-I-O hitza idaz-makinan tapatzen zuten aldiko, zotinka hasten ziren. Eta sabelak tximeleta beltzez hanpatzen. Egoera jasan ezinezkoa zen. 28 eta erdi. Bien bitartean finantza merkatuek, kartazalaren galerak, eta horrexek zekartzan ondorioen jakinaren gainean ziren eta estatuko burtsen indizeetan hondoa jo zuen Möergellek. Eta galbide berbera zeraman Föergell anaia bikiaren kotizazioak. Pertsonen aurkako minen commodity-en merkatuaren prezioari ere eragin zion. Izugarri beheraka egin zuen. Hortaz, Moërgell enpresako ekoizpena geratu egin zen, eta esportazioko merkatutara bidean ziren dozenaka ontziak geratu eta atzera portuetarako bidea hartu zuren. Izan ere, pertsonen aurkako minen salneurria egonkortu beharra baitzegoen, merkatutik minak kenduta. 28 minutu. Lotan zegoela, hatzak zakil inguruan bilduta zeuzkan Dubiok. Hatz batzuk falta zitzaizkion. Enpresa guztiko megafonoak etengabe Dubiori deika ari ziren, baina Dubio ez bide zen ohartzen. Berriz ere posturaz aldatu zuen. Kartazala mesedez itzuli zezala, ez zela harenganako zigorrik izango eta, are gehiago kartazal itzultzera, sari ederra izango zuela, ari zen errepikatzen bozgorailua, obsesiboki. Ez zen, alta, megafonoaren oihartzuna pabilioi zahar hartara, beharrezko intentsitatez heltzen. Bakardade absolutuaren ontzia, itsas-hegitik habiatzen ikusi zuen une batez Ataulf Tarqquusek. Sobera damutu zen, konpetentziak aspaldi egina zuen bezala, sistema pneumatikoaz garraiatutako posta sistema ez jartzeaz, edota hainbeste barreiatzen ari zen posta elektronikoa usatzeaz. Bere garaian Dubio ez despeditu izanenagatik damu zen. Zakurra hil, eta errabiarik ez, pentsatu zuen. 27 minutu baino ez. Ordu bata hogei gutxi aldera polizia azaldu zen Moërgellen, beti bezala berandu, eta ezorduz. Berrogeita hamar polizi zakur eta guzti. Ezbairik gabe, Moërgell enpresako zoko guztiak xehe-mehe miatzen hasi ziren. Baita Dubioren berri izan, eta haren egonlekua ezkutatzen ari zitezkeen gizon susmagarriari galdeketak egiten hasi. Ganoragabe. Zurrumurruak edonora harrotu eta telebista kateek, krisiaz jabetuta, zabor-programazioa etetea erabaki zuten; urgentziazko buletinak atera zituzten. Pantailek, kanpotik itxita, ejertzitoak gordetako Moërgellen irudiak etengabe errepikatzen zituzten. Barne Arazoetako Ministroak -dandy gaumindu itxurako totela bera-, “Enpresa Terrorismo” izenaz bataiatu zuen hura, prentsaurreko ezohizko baten bitartez; Dubioren izena aipatzera ausartu gabe. Izen ponposo berri horrek estatu osoko herritarrak zertxobait lasaitu zituen; gaitzak izen-abizenak zituen-eta. Zakur baten zaunka aditu zuen Dubiok inguruan. Begi bakarra ireki eta halako batean, linterna batek nola segundo luze batez bete-betean jo zuen ohartu zen. Zer izango zen argi hura? pentsatu zuen. Linternaren argi-zorrotadak beste norabide bat hartu zuten eta zaunkak urrutiratu egin ziren. Dubiok berriz begiak itxi zuen. Handik gutxira, nagiak atera eta ohe inprobisatu hartatik jaiki zen. Galtza tartea bustita zuen. Orban hura ikusita, irribarre urduri alkoholikoa egin zuen. Ia ordu batak jo zuen eta bazkari legea egiteko asmoz, pabilioi hura utzi eta punpen instalazioaren lekutik, kantinarako bidea hartu zuen. Egun hartara arte, denek Dubioren bizkarrera barre egiten zuten (baita zuzenean bere aurpegira), eta nano ezgauzena baino okerrago tratatzen zuten. Hala eta guztiz ere, Dubio bere txikitasunean zoriontsu zenez, eta ez zuen inortaz trufatzeko beharrik sentitzen. Irribarre eginez, txistu eginez edo kopla pikanteak kantatuz itzultzen zizkien isekak. Era horretan, Moërgelleko bulegoetako seriotasun gaixotiak, azkazalak arbelean bezala irrist egiten zuen. Ataulf Tarqquus jaunak berak, Dubiok zuzendari orokorren bulegora jo zuen egunen batean, besteen aurrean lotsagarri utzi zuen. Baina, Dubiok irribarreaz itzuli zizkion irain-ordainak. Hartaz oroitu zen, Tarqquus jauna, Gong itxurako bulegoko paretako erloju handi-mandiari buelta erdia ematea erabaki zuenean. 17 minutu. Dubiok arratsalde hartan bertan lan pixka baten lan egingo zuen –ez gehiegi, gehienera jota, alde batetik besterako hiru joan itzuli- eta banaketa amaitzerakoan, etxera ez baina, auzoko tabernetan narrasti moduan ibiliko zen, harik eta gauerdia iristen zen arte. Arrats parteko bakarkako ardo merkearen txikiteoan jarrita gogoa3, punpa zentrifugoen instalaziora zeramaten metalezko eskailera luzeak jaitsi zituen. Eguerdiko ordu bata izateko hamalau minutu baino falta ez zirenean, megafonoetatik: Azken odol tanta isuri arte defenda dezagun Moëlgell! leloa isurtzen utzi zuen, jada bere senetik aterata zegoen Krutzger jaunak. Inork ez zien kasu izpirik egiten ordurako, megafonoei. Anabasa izugarrizkoa zen. Bainugelara jo zuen Ataulf Tarqquusek, aurpegia freskatzera. Edozein unean tronua galtzera doan enperadorearen aurpegiera zurrunaz ordaindu zion ispiluak. Zuzendari samalden gortearen gorbatek gora egiten zuten kristalezko lanparen distirara beha. Etorkizuna, ilusio bilakatzen ari zitzaien. Lur jota, arratoiek karabeletan legez, enpresa uzten hasiak ziren. Bost minutu, hareazko erloju txiki bat, baino ez, nireak egin du. Kaput! pentsatu zuen bere baitan Ataulf Tarqquus jaunak. Gorbata lasatu zuen. Derrotatua zen. Jende guztiak ihes egin zionean, bakardade absolutuaren ontziaren sirena aditu zuen Ataulf Tarqquusek urrunean. Bulegoko kaoba-zurezko mahai amaiezinean mizpira- arbola bonsaiaren lur idortuan, malko bat isuri zitzaion. Minutu gutxi barru, bere karrerak hondoa joko zuen. Baita beregain zituen berrehun zuzendarienak ere. Zoërgellek gupidagabe irentsiko zituen epe motzera. Enpresa itxi egingo zuten. Moërgelleko bost mila lagun hortaz, kalera joango ziren. Ez zen hori baina, Ataulf Tarqquus gehien kezkatzen zuena. Ataulf Tarqquus gehien kezkatzen zuena zera zen: goi-mailako jendea soilik bizi zeneko urbanizaziotik egotziak izango zirela. Eta ez hori bakarrik: bera bazkide zeneko golf klubetik kaleratua izango zela; garai batean hainbeste miresten zuten lagunek frakasatu deituko ziotela, ez zutela neguan hartz-ehizara gonbidatuko, eta okerrago dena, ezikusi egingo ziotela. Emaztea berriz, bere maitale fin American Express kreditu txartelik gabe, depresiorik handienean jausiko zen, kokaina eta edanari atxikiko zitzaion. Eta alabatxoak... Ai! Bere lanarengatik oso tarteka ikusten zituen alabatxo maiteak, hain bizkorrak izatetik, erabat aldrebestuko ziren, galbidera joango, abandonatuko. Erabaki ausartena eta koldarrena hartzea deliberatu zuen. Zirt-zart. Eskuak buru gainean zituela, bulegotik lasterka irten zen Ataulf Tarqquus. Enpresan geratzen ziren gizaseme bakanek, erotu zela pentsatu zuten. Bere pausu luze eta ziurrek, estoldak ziren ubide sekretu batetara eraman zuten halako batean. Metro erdiko ate txiki batetik sartu beharra zegoenez, sartu baino lehenago, gorbata kendu, alkandora erantzi, faxa askatu, eta galtzak erantzi zituen. Bata bestearen ondoan lerrokatuta ziren karakol erraldoi itxurako punpa zentrifugoen instalazio umelean, Dubio sobera harritu zen, gizon biluzi bat ubidearen beste aldera ikuskatu zuenean. Aurre aurrean zuen gizon horrek, berearen oso antzeko tripotxa zuela ohartu zen. Emakume galtzerdi urdin-ilunez, zisne erietan patetikoena irudi zuen Ondoren hain ondo jarritako ileorde beltza erauzi, ur-jauzi itxurako ile luze bakan batzuk azaldu zitzaizkion. Dubiok ezin sinetsi zezakeen Ataulf Tarqquusen aurre aurrean zegoenik. Atributurik gabe, ur tanta bi baitziruditen Tarqquusek eta berak. Alkohol usaineko irriño hits batek ihes egin zion Dubiori. Behingoan, anaia bikia iruditzen zitzaion aurrez-aurreko gizon hantuste hura. Haren atentzioa lortzearren, kartazal marroia atera zuen poltsikotik eta gogor airean astindu. Kaixo! esan zion. Hura ezin eramanda, ahuspeztu egin zen Tarqquus. Ur lohien erreflexuari begira geratu zen, lelotuta bezala. Tarqquusek orduan dena argi ikusi zuen. Dubio, enpresako postari ziztrinena, bere kontura trufa makabro bat ospatzen ari zen4; mendeku hartzen ari zen. Bizkarretik, hain zuzen ere. Gauza horiek guztiak uretan islatuta ikustea iruditu zitzaion, hain kultura zabala ageri zuen, Ataulf Tarqquusi. Hartara, bere bulegoko piraña-ontzia buru gainera erori izan balitzaio bezala sentitzen zen. Bere-bereak zituen bulegoko piraña beldurgarriek hozka egin izan baliote bezala; batzuek lepotik, bestetzuek zintzurretik, belarrietatik, orpotik... gorri koloreko zirimolaren bihotzera. Horregatik, agian, bota zuen Ataulf Tarqquusek bere burua ubidetik. Dubio gizajoa berriz, ahoa bete hotz, mugiezin geratu zen, harik eta Ataulf Tarqquus erori zen inguruan burbuilak desagertu ziren arte. Eta pare bat minutu beranduago, Moërgelleko enperadorea ubidetik irteten ez zela ohartuta, itoaren desagerpenaren abisua ematera joan zen eta, bide batez, ahaztuta soinean zekarren kartazal hura Krutzger jaunari entregatzera. Euren oroimenez Maider Aierdi Gazteluiturri Andreas: 1940ko maiatzak 11: Gaur goizean goiz jaiki naiz. Zapata denda ireki aurretik lan asko egin behar nuelako. Bezero asko izan ditut, udaberriko zapatak heldu baitzaizkigu, jada. Denda itxi ondoren kafetegira joan naiz eta Petter-ekin egin dut topo. Poloniako lurralde batera bidali behar dutela dirudi, jeneral egingo dutela esan baitiote. 14:30ak dira eta Margot ez da etxera iritsi. Zoriontsu naiz, lanean gauzak oso ondo doazkit eta Margotekin ezin hobeto nago. Zein azkar doan denbora. Badirudi ezkontza eguna atzo izan zela, baina bi urte igaro dira ordutik. Etxean ere oso ondo konpontzen gara elkarrekin, umeak edukitzeari buruz hitz egin genuen bart gauean baina ez zait momentu egokia iruditzen gizarteko egoera nola dagoen ikusita. Gizonak frontera joatera derrigortzen dituzte eta ez dakit nire txanda iritsiko den. Oso kezkatuta nauka Margotek. Zortzi hilabete pasa dira Alemaniak Polonia eraso zuenetik eta ez dauka bere gurasoen berririk. Egunkarietan irakurri dugunez, judutar guztiak ghettora bidali dituzte eta Margoten familia bertan dagoela uste dugu. Beldur naiz. Inguruetako judutarrak bertara eramango dituztela dio jendeak eta ez dakit zer pentsatu. Judutarrak baino hobeak sentitzen al dira horrela tratatzeko? Non ote dago Margot? Berarekin. - Andreas! Andreas! Andreas! - Zer gertatu da? - Margot! Margot, eraman egin dute! - Eraman? Nork? Zergatik? Zer? - Gizon batzuek hartu dute eta gero kotxe batean sartu dute. Zuri deika zegoen, ahal izan dudan azkarren etorri naiz. - Baina nora eraman dute? Eta zergatik? Margot! - Judutar guztiak lurralde batera eramango dituztela entzun dut. Frank eta bere familia ere kotxean sartu dituzte. - Lurralde batera? Petter! - Eraman egin dute! Baina zergatik? Berak ez du ezer egin! Zergatik egiten dute hau? Non ote dago Petter! Han! - Petter! Petter! Margot eraman dute! - Zer? Eraman? Nora? - Zuk lehen esan duzun lekura! - Zer? Ziur al zaude? - Bai Adolf-ek esan dit kotxe batera nola sartzen zuten ikusi duela. Zer egin dezaket Margot etxera ekartzeko? - Andreas sentitzen dut baina hori ezinezkoa izango dela uste dut. - Baina zer diozu! Zergatik? - Margot Poloniara eraman dutelako. - Poloniara? Ghettoan sartuko dute? - Ez, kontzentrazio esparru batzuk sortu dituzte judutarrentzat. Sentitzen dut benetan. Orain dela ordu bete esan didate egin behar zutena. - Zuk bazenekien? Bazenekien eta ez duzu ezer egin? - Nik ezin dut ezer egin. Hitlerrek judutarrak uharte batera bidaltzea nahi zituen. Zoroa! Baina ezinezkoa gertatu zaionez kontzentrazio esparruak sortu ditu. Andreas, Margot kontzentrazio esparru batera eramaten badute ez dut imajinatu ere egin nahi zer egingo dioten berari eta berarekin dauden beste guztiei. - Baina non dago? Zer egingo diote? - Nik ez dakit ezer gehiago. Ahal dudan guztia egingo dut Margot non dagoen jakiteko. Zoaz etxera eta ez zaitez etxetik beharrezkoa baino gehiago irten gauzak lasaitu arte, behintzat. Egoera ez dago batere ondo, hobe da istilurik ez ateratzea. - Etxean egon? Eta horrekin zer egin dezaket? Margot eraman egin dute eta nork daki zer egingo dioten, eta nik etxean egon behar dut? - Andreas, hau oso gauza serioa da. Benetan, zoaz etxera eta ahal dudanean, berriekin joango natzaizu. Bi aste pasatu dira eta ez dut Petterren berririk. Zer gertatzen ari ote zaio Margoti? Gauzak okerrerantz doaz. Alemaniako judutar guztiak kontzentrazio esparruetara eraman dituzte, Frantzia eta Italiakoekin batera. Hauetaz gain beste asko ere bidean daude. Gudak aurrera jarraitzen du eta herriko gazte eta gizon asko fronteetara eraman dituzte. Ni ez noa. Ez dakit zergatia baina Petterrek horretan zerikusia izan duela uste dut, Margoti gertatutakoaren errudun sentitzen dela uste dut. Bere zain jarraituko dut. Petter iritsi da. Berarekin hitz egin eta hilabete geroago agertu da. Zer berri dakarkit? - Petter! Berririk? - Aurkitu dut! Margot aurkitu dut! - Zer? Non dago? Zelan dago? - Auschwitz-era eraman zuten. Bertan dagoen lagun batek baieztatu dit. Ez dakit zelan dagoen, ez eta bizirik dagoen ere. - Baina zerbait gehiago jakin beharra dut! Nola atera dezaket bertatik? - Nire lagunak ahal duen guztia egingo duela ziurtatu dit baina badakizu hau ez dela broma kontua, bere bizitza arriskuan jartzen ari da, eta baita ni ere. Orain itxaron egin behar duzu, itxaron besterik ez. Bizirik badago bere berri ekarriko dizut albait arinen. - Eskerrik asko Petter, benetan, denagatik. Horrela agurtu dut. Petterrek ondo ulertu du azkeneko hitza eta irribarre egin dit, beraz, nik uste nuena egiaztatuta dago, frontera bidali banindute hilik egongo nintzatekeen, jadanik. Urtebete daramat berrien zain eta hainbeste itxaron ondoren esperantza galtzen hasita nago. Eskerrak Petter agertu den. - Andreas! Pozten nau zu ikusteak. Gogo handia nuen zu berriz ikusteko. Begira zer dakardan. - Zer da? Gutuna? - Bai, Margoten gutuna!. Bum, bum, bum... bihotzeko taupadak bizkortzen ari zaizkit, gero eta arinago, gero eta arinago. Karta eskuetan daukat eta birritan pentsatu gabe zabaldu egin dut: Andreas, Andreas! Non zaude? Zergatik sartu naute leku honetan? Ez daukagu jatekorik, ez urik, ez arropa lodirik, dena kendu ziguten, baita urrezko haginak ere. Ez dakit zer gertatzen ari den. Egunero jende multzo handiak sartzen dituzte leku batean dutxa bat emateko asmoz, eta ez dira inoiz itzultzen, hil egiten dituzte baina ez dakit nola, eta ez dut jakin nahi ere. Egunero, orduro, minutoro, segundoro gorpuak hilik ikusten ditut nire aurrean, begiratzen dudan alde guztietan. Gero, gorpuz beteriko pilo handietan, erre egiten dituzte guztiak gure aurrean. Ezin dut gehiago. Duela hiru hilabete amaren gorpua ikusi nuen beste hainbaten azpian, zergatik? Eta aita? Zer gertatu zaio? Noiz bukatuko da guzti hau? Andreas, etxean egon nahi dut, zurekin, hori besterik ez, hainbeste eskatzen al dut? Zergatik ez gaituzte bakean uzten? Ez dut ezer gehiago behar bizitzeko. Ez dakit zenbat denbora jasan ahal izango dudan hau. Ilea ebaki digute, gauzatzat hartzen gaituzte, gosez hiltzen ez direnak gaixotasunen batek eramaten ditu, sarnak, tifusak, ... hau jasangaitza da. Zergatik ez ote naiz hiltzen behingoz? Ezin izango naiz inoiz hemendik atera, ezinezkoa da. Maite zaitut eta jakin ezazu zu zarela bizirik iraunarazten nauen arrazoi bakarra. Margot - Berarekin joan behar dut. Hil egingo da bestela! Berarengana eraman behar nauzu!. - Andreas, gogoratzen al duzu Margot eraman zuten egunean esan nizuna? Ni kontzentrazio esparru batera bidaltzeko asmoa zutela nagusiek. - Bai, baina zer... - Bihar Auschwitz-era noa. Jeneral izendatu naute eta jendea behar dute bertan. - Eta zu, Margot bezalako jendea hiltzera zoaz? Zu beraiek bezalakoa zara! - Andreas! Gauzak ez dira hain errazak!. Badakit Auschwitz-era joanez gero haietako bat izango naizela baina ez dut beste aukerarik. - Baina zelan? Hori ezinezkoa da... - Andreas, galdera bat egin behar dizut eta ondo pentsatu erantzun baino lehen. Zure bizitza emango zenuke Margot ikusi ahal izateko? - Bai, noski. Zer egin behar dut? - Bihar nik Auschwitz-era eramango zaitut nirekin. Bertara iristen garenean, barruan sartuko zaitut. Hortik aurrera zure esku dago Margot ikustea edo ez. - Ados, bihar zurekin joango naiz. Furgoneta batean goaz biok, bera aurrean eta ni maleteroan janari eta likore botila artean. Hauek ofizial alemanentzat dira, beraien ospakizunetarako, 100 metroko distantziara milaka pertsona gosez hiltzen ari den bitartean. Nazka ematen dit. Bidaia oso luzea egin zait baina iritsi gara. Furgonetatik jaitsi bezain laster kirats batek astindu nau. Auschwitz hesitutako leku bat da eta hainbat txabola daude barruan. Petter agurtu eta hesiaren barrualdera sartu naiz. Margotek arrazoia zuen, begiratzen dudan edozein aldera begiratuta hildakoak ikusten ditut eta kiratsa jasanezina da. Non ote dago Margot? Ezkerraldean 10 urteko bi neskatila, edo mutiko, ez dakit ezin ditut desberdindu. Oinetakoak eta arropa kentzen ari zaizkio hildako gorputz bati. Ez dakit zer egin, egoera pentsatzen nuena baino askoz txarragoa da, hau ez da bizitzea, hemen animaliak edo hauek baino gutxiago bagina bezala tratatzen gaituzte. Edozein arrazoi aurkitzen dute gu zapaltzeko, judua, ijitoa, homosexuala, elbarritua... izateagatik. Ezin dut sinetsi, ez nuke inoiz imajinatu ere egingo pertsona bat gai izan zitekeenik honelako leku bat sortzeko eta, are gutxiago, berarentzat perfektuak ez direnak edo gustuko ez dituenak hiltzeko. Bost bat ordu daramatzat Margot-en bila. Bere argazkia erakusten diot jendeari, baina inork ez dakit nor den ez eta non dagoen ere. Bat-batean emakume bat hurbiltzen zaidala konturatu naiz eta nor den ohartu orduko... - Andreas! Andreas, zu zara? - Margot? Margot! - Andreas, zertan zabiltza hemen, zergatik ekarri zaituzte hona? Ene! Andreas! Zergatik? Zergatik egin digute hau? - Lasai ez zaitut inoiz gehiago bakarrik utziko, ene Margot! Aste bat daramagu infernu honetan, ez dugu jatekorik, ez urik, ez ezer, baina Margotekin nago eta hori da garrantzitsuena. Momentu oro jendea hil egiten da gure inguruan, kiratsa ez da inoiz joaten eta erretzeko prest dauden gorputzez beteriko piloak ikus ditzaket bata bestearen gainean, “dutxara” doazen ilara handiak ere bai. Bat-batean txilibitu baten soinua entzuten da: - Denok zutunik! Denok gora! Azkar! Mugitu! Arin! Margot eta biok jaiki egin gara, aurrean etzanda dagoen jende asko ez da mugitu ere egin, ez dute indarrik. Ingurua aztertzen ari naizelarik nire izena entzun dut ozenki: - Andreas Selanderchen! Andreas Selanderchen! - Bai! Hemen! - Andreas zertan zabiltza? Zer gertatzen da?- dio Margotek izuturik. - Ezer ere ez, lasai. - ISILIK! Andreas aurrera! Bundchen Jenerala ezagutzen duzu? - Bundchen? - Bai! Petter Bundchen! - Ez, ez dut ezagutzen. - GEZURRA! Berak sartu zaitu leku honetara eta probak ditugu, berriro gezurrik esaten baduzu emaztea hilko dugu. - Ez! Ez! Bai, Petter ezagutzen dut eta hona ekartzera derrigortu nuen. Berak ez du zerikusirik, nire errua da. - Petter Bundchen aurreratu! Han agertu da nire aspaldiko laguna. Hala ere, ikusiko dudan azken eguna dela esaten dit barruko zerbaitek. Egoera latza antzeman daiteke. - Gizon hau hiltzen ez baduzu, nik hilko zaitut eta ondoren zure familia osoa ere bai - agindu diote Petterri nagusiek. - Andreas sentitzen dut. Bazenekien zein zen tratua, sentitzen dut, parkatu... PUMMM! Andreas hil eta astebetera Margot hil zen gaixotasunen eta gosearen ondorioz. Beste milaka gorputzekin egin zuten bezala, begiak itxi bezain laster zapatilak eta zituen arropak desagertu egin zitzaizkion. Hau, Naziekin gertatu zen istorioetariko bat izan da; baina, Andreas eta Margot bezala milioika pertsona hartu zituzten gauzatzat, gizakiok garen bezalakoak izanda ditugun eskubide guztiak zanpatuz. Euren oroimenez. Bizitzaz haraindi Oihane Unzalu Aldekoa Bide zuzenak asper aspergarriak direlako. Joseba Sarrionandia Telebista ikusten ari da Maite orain. Senarra noiz helduko dago. Biok batera afaltzeko; egunero bezala. Pentsatzen dirau orain. 5 urte daramatzate elkarrekin, 5 urte... Igandeetan futbola ikusten du senarrak, tabernan lagunekin. Gauean... gauean sexu gosea sartzen zaio egunero. Eta Maitek batzuetan “buruko mina” izaten du. Besteetan ordea desio bortitz batek harrapatzen du. Eta bere onetik aterata, sexu praktikan aritzen dira. Urteek adierazten duten maisutasunez. Ez dauka zoko idiskoturik Joxeanek Maiterentzat. Eta Maitek berak ere ez jada Joxeanentzat. Eta bere izatearen zati bat, xarma bat, kendu diola pentsatzen du Maitek larru-jotze bakoitzaren ostean. Sekreturik ez daukalako. Isuri du hazia eta Joxean zoriontsu da. Maitek liburua hartzen du orduan edo portatila bestela, maite du bere ordenagailua, Maiteren ordenagailua delako. Berea bakarrik, bakar-bakarrik. Duen sekretu bakarra delako edo Maite idazten duena hura bera delako agian. Joxeanek hizkuntza ulertezin batean hitz eginez igarotzen du gaua. Oihu ozenak boteaz. Maitetxoren egunerokoa. Berriro ere amets berbera izan dut bart. Gauaren erdian oihu ozen batek esnatu nau. Ondoren kolpe ikaragarri bat aditu dut. Beldurtu egin naiz. Begiak itxi ditut eta izarapean ezkutatu naiz. Ondoren negarrak entzun ditut; eta nire gorputza dardaraka nabaritu dut orduan. Amatxo eta aitatxorengana joatekotan izan naiz; baina nire ohe azpian dagoen munstroaz gogoratu naiz. Gauez ohetik jaikitzen banaiz, munstroa haserretu egiten dela esaten dit amak. Eta geldi egon behar dudala. Nik izena jarri diot munstroari; Rodolfo. Rodolfo munstroa; oso ongi geratzen zaio izen hori. Amak ikusi zuen behin Rodolfo eta esaten dit, oso itsusia dela, eta haserretzen denean oso umore txarra duela. Geroztik ez naiz inoiz ohetik jaikitzen, pixagura dudanean ere ez. Ametsean ere ez nintzen jaiki. Beldur pixka bat ere ematen dit-eta Rodolfok. Geldi geratu nintzen ohean. Guztia baretu zenean, Joakin hartu nuen beso artean. Nire hartza da Joakin. Bularraren kontra estutu nuen eta musu eman ondoren. Loak hartu ninduen itxuraz, zeren begiak irekitzean, jada gaua egun bilakatua zen. Eta izekok gosaltzera deitu nau. Bai, gaur ere goiz atera behar izan omen du amak. Eta izekok eraman behar izan nau eskolara. Asko maite dut nik izeko Ana. Neguko egun hotzetan, txokolatea egiten didalako gosaltzeko. Asko gustatzen zait niri txokolatea eta lagunekin jolastea. Lagunekin jolastea ere asko gustatzen zait. Ez zait amets hau batere gustatzen. Hain da erreala... hain dira benetakoak garrasiak, hain da benetakoa sentitzen dudan ikara... Amari benetan pasatu izan balitz bezala kontatzen diot beti. “Ba nik edertotxo eiot ba lo! Ametsen bat ixengo zan ume...” esan ohi du berak. Lasaiago gelditzen naiz ni orduan, eta batez ere, lasaiago egiten dut lo. Bizitza perfektua duela esaten diote Maiteri lagun ezkongai eta bizi-alargunek. “Kejau eingo has ezton? Etxe elegantie dekon. Gixona be ondo heldute, ha ezton iñora juengo ez hi barik! Hi kejetan bahas nik ze ein bijjonat ba Maite!” esaten diote beti. Baina hala ere, Maitek zerbait falta balitzaion bizi ditu azken egunok. Hutsik bezala sentitzen da. Zahar sentitzen da. Eta bakarrik, batez ere bakarrik. Jada ezerk ez du betetzen. Eta egunez egun denbora gehiago ematen du munduak asmatzen. Gauetan oroitzapenetara joaten da bizitzera. Egunez egun denbora gutxiago ematen du errealitatean; bere etxe perfektuan, bere lan perfektuan, bere gizon prefektuarekin... Finean, bere bizitza perfektu horretan. Eta gainera tripako min hauek ez dira normalak. “ Hi! Ez has gero umedun egongo ezton?” esan dio Karmelek. Eta orain gogoratu du aspaldi ez dituela tinta gorriz jantzi kuleroak... Korrika joan da etxera. Hilerokoaren egutegian begiratzera. Aste bi! Gehienetan lau egunetara egin ohi dio bisita... medikuarenera joan behar du. Ohean etzan da, eta gaur gauean buruko mina izan du. Joxean haserretu egin da horregatik. Ez dizkio bere hardurak, beldurrak, adierazi. Bere sentimenduak inoiz azaldu ez dizkion eran. Liburua hartu du, besterik ez. Maitetxoren egunerokoa. Gaur Alaznerekin haserretu naiz eskolan. Margo gorria eskuetatik kendu dit. Eta jada bere laguna izan nahi ez dudala esan diot. Pixka bat harroputza da Alazne, baina nire lagunik hoberena da eta barkatu egin behar izan diot “Parkatzen...?” esan didanean. Ama gero eta baldarrago dabil. Aste honetan bigarren aldiz jausi da lanean. Eta oraingoan benda kendu eta igeltsua jarri diote eskuan. Oso polita da! Marrazki polit bat egin diot. Hirurok agertzen garena. Aitatxo, amatxo eta ni. Nik ere igeltsua jarri diezadaten nahi dut! Polita da eskuan marrazkiak egitea. Nik askotan egiten ditut marrazkiak eskuetan; horrela beti nirekin eramaten ditudalako. Baina aitatxok zerrikeria dela esaten dit eta garbitzeko. Asko gustatzen zait amaren igeltsua. Lotara noa. Bihar ere eskolara joan behar dut eta. Gabon Rodolfo! Sendagilearenean dago Maite. Hain ezezagunak egiten zaizkio horma horiek, aulki horiek... beldurra ere ematen diote. Iseka egiten diotela begitanduko zaio. Bere sekretu ororen jabe balira bezala izango da. Eta haserretu egingo da aulki berde eta horma zuriekin, ez dutelako bakean uzten. Orduan irribarre amini bat ere aterako zaio, aulki huts eta horma bakartiekin hitz egiten ari zelaz jabetu delako. Irribarre... ez du gogoratzen azken aldiz noiz egin zuen. Irribarreak gutxi iraun dio ordea. Sendagileareneko atea bortizki zabaldu denean, non dagoen eta nora doan gomutatu duelako. “Maite Onagoitia!” egin du oihu ez andrea ez gizona den batek. Gorritu egin da Maite orduan, begirada guztiak beregan zeudelako. Eta korrika ihes egiteko gogoa piztu zaio barren-barrenean. Baina kontsultara sartu da azkar. Tentazioari aurre egin ahal izateko. Maiteren ordenagailua. Inoiz ikusi ez dudana, inoiz sentitu ez dudana etorri zait parera orain. Sentimendu hauek ez ditut ezagutzen. Ezezaguna zaidana daukat momentuotan aurrez aurre. Eta espektro horri, munstro horri so nagoelarik eskuak sakeletan barneratu ditut bortitz ene urduritasunaren isla garbia agerian utziz. Eta momentuotan parean dudana ikustean jarritako aurpegikera etorri zait gogora eta inoiz baino primitiboagoa begitandu zait neure burua. Primitiboa diot, egoera honetan nire sentipenak gidatzeko ahalmena galdutzat jotzen hasia naizelako. Nire gogoeta sakon honetan murgildurik nagoela, nor zaren, zer zaren, nola zaren... pentsatzen, bat-batean eskuak busti sentitzen ditut gorputzaren berotasun eta poltsikoetako oihal jada umelduen artean. Eta oraindik ere zer zarenaren ezjakintasuna erabatekoa dudan arren, bihotz taupadak bikoiztu egin dizkit zure presentziak; erlojuaren orratzek markaturiko erritmoa galdurik, independenteki dirau orain bihotzak. Ahots kordak dantzan darabilzkit hitz bakar bat ere ahoskatu ez dudan arren. Pentsatuz jardun naiz luzaro, izan ere arrotz zaiguna dugu amets, arrotz zaiguna dugu etsai. Arrotz dira gure existentziaren hasiera eta amaiera ere. Eta hala ere ezezagunak beldurra ematen digu. Hauxe da bizitzaren paradoxa: hain gorroto dugun, hain erraz salduko genukeen egunerokotasunean soilik sentitzen gara seguru, ausart. Inongo lekuetan gaude, inongo lekuetan gara. Dena da arrotz, dena ezezagun, inongo tokietan, inoizko denboran dirauen munduan. Ezezagunik handiena geure burua den munduan. “Zorionak Maite! Haurdun zaude!” Esan dio medikuak Maiteri, erabat prefabrikatua irudituko zaion euskara ia arrotz horretan. Negar malko bat irten zaio bat-batean, espero gabe, ekidin ezinik. Medikuak harridura aurpegiz egin dio so. “Emoziñuegaittik da gixona!”, lasaitu du, egunero gezurretan aritzen denaren trebetasunez. Kontsultatik irtetean, beltzak iruditu zaizkio horma eta aulkia ere. Eta gizon-emakumeak hatz erakusleaz seinalatzen duela irudituko zaio. Eta mina sentituko du bat-batean. Jada bera ez dela irudituko zaio. Igual bera izatea nahi ez duelako orain. Eta zer izan nahi duen galdetuko dio bere buruari. Baina ez du erantzuten jakingo. Eta tristatu egingo da orduan. Eta inoiz baino bakartiago sentituko da. Bizitzaren helmuga ikusiko balu bezala izango da. Oroitzapenak min emango diote orain, zoriontasun hura inoiz berreskuratuko ez duela pentsatuko duelako. Beste era batean dakusa orain mundua. Kaleak ilunagoak dira. Eta hotza latzagoa. Aterki beltzek zeru urdina eta eguzkia estaliko balute bezala izango da. Aterkia kendu du, zerua ikuskatzeko. Ez. Zerua ere beltz ageri da. Mina. Oroitzapenak. Beste malko bat. Maiteren ordenagailua. Joxeanengana joan behar dut. Eta kontatu egin behar diot. Bizi bat daramadala nire barrenean. Haserretu eginen da seguruenik. Nik badakit hori. Baina bizi hori, ez da nirea bakarrik. Berea ere bada; eta esan egin behar diot. Ez dakit nola esango diodan... “Joxean laztana, haur bat izan behar duzu...”. Ez, horrela ez! “Joxean, hitz egin behar dugu. Haurdun nago. Sentitzen dut.” Ez horrela ere ez; sentitzen dut hori... Badakit, besaulkian eseriko dut eta... “Joxean. Berri bat daukat. Haurdun nago. Umea, noski, zurea da. Nik aurrera egin nahi dut. Zer iruditzen zaizu?” Joder! Haserretu egingo da. Seguru nago. Ihes egin nahi du. Joan egin nahi du, urrun. Bere ametsetako mundu horretarat agian. Edo bere ipuinetako munduetara igual. Bai bere ipuinetako munduak ditu maiteen. Bere munduak direlako haiek. Maite bera da jaun eta jabe. Berarentzat eginak diren munduak direlako. Hemen, mundu honetan, errealitatea deritzon mundu honetan, enkajatzen ez duela iruditzen zaio. Ez dela bere mundua. Gauero eraikitzen ditu munduak Maitek. Eguzkiak izpi ederrak jaurtitzen ditueneko munduak eraikitzen ditu. Eta zeru koloretsu eta ederrak abaroa ematen dioeneko munduak. Haizea epel eta maitekorra deneko munduak sortzen ditu. Zelaiek, existitu ere egiten ez den berdea duten munduak. Itsaso baredun munduak. Perfektuak diren munduak. Zoriontsu izateko munduak. Sarritan joaten da mundu haietara bizitzera. Baina egunero-egunero begiak irekitzen ditu bat-batean; iratzargailuaren zarata monotono eta ozenak ametsetako gordelekuetatik bortizki ateratzen duen unean. Bere ametsetako azken pasarteaz gogoetan aritzen da oraindik. Erdi lo, erdi esna dagoen momentuetan. Leihoa irekitzen du, eta begiak zabaltzeko bigarren ahalegin batez, izateari ateak ireki berri dizkion egun goibela dakusa tristuraz. Goizeko haize hotzak masailak ebakitzen dizkion artean, ganibet bat bailitzan. Eta bere buruari galde egiten dio ea zein unetan hasi den egun hau existitzen, edo ea zein unetan hasi den Maite bera existitzen. Orain ordu erdi, ametsen mundu horretan, mundu hau ez zela existitzen otu zaio. Eta patetikoa badirudi ere, orain ordu erdi, eguzkiak gogorki jotzen zuen beste mundu batean zoriontsu zen beste Maite hura zela iruditzen zaio. Eta nahiago izango du Maite hura izan. Hori pentsatzean sabela igurtzi du. Eta malko bat atera zaio. Malko hori, kanpoko euri tanta dela imajinatu du; hodeien negarra dela, ez berea. Tantaka-tantaka, malko bakoitzean, bere izatearen zatitxo batek ihes egiten diola pentsatuko du. Horrela, desegiten ari dela sentitzen du. Maitetxoren egunerokoa. Amama gaixorik dagoela esan dit amak. Eta zaintzera joan dela. Izeba etorri da nitaz arduratzera eta gurekin, aita eta biokin, geratuko omen da. Izebak ez du gogoko aitatxo. Ez dute elkarrekin inoiz hitz egiten. Errietan egiteko eta lekuz kanpoko oihuren bat egiteko ez bada. Eta ez dut ulertzen zergatik. Nik biak maite ditut, eta hori esaten diedanean ezinezko gauza balitz legez begiratzen naute. Eta biak haserretzen dira nirekin. Izekok sarri errepikatzen dio gauza berbera: “Cualquier día te denuncio cabrón! Lo vas a pagar caro!”. Baina nik ez dut ezer ulertzen. Azaltzeko eskatu nion behin izekori eta ostikoka nire gelara bota ninduen. Geroztik ez dut berriro ezer galdetu. Eskolan Iker izeneko mutil bat dago. Denetatik politena da. Denoi gustatzen zaigu Iker. Dena ondo egiten du. Aaai! Hain da zoragarria! Andereñoak bere ondoan jarri nau!!! Gelakide guztiak inbidiatan dauzkat. Zoriontsu naiz. Joxean mahaian dago jesarrita. Beregana urreratu da Maite. Urduri dago, atzamarra etengabean ile artean darabil. Aurrez aurre eseri zaio eta begietara begiratu dio begirada finko batez. Eta une horretan gizon hori ezer baino arrotzagoa irudituko zaio, beldurra emango dion mugararte. Horixe pentsatzen aritu delarik bat-batean, “Zer?? ?” ozen batek murgildurik zegoeneko mundutik atera duen arte. “Joxean, hitz egin behar dugu...” Maitetxoren egunerokoa. Amarekin jostatu naiz gaur ere. Amari asko gustatzen zaio medikuetara jolastea. Batez ere neguko arratsalde hotzetan. Ohean sartzen da bera eta nik medikuarena egiten dut. Batzuetan sukarra izaten du amak. Besteetan bizkarreko mina izaten du eta nik masajeak ematen dizkiot. Beti esaten diot. Oso antzezle ona da ama. Amari eguzkia ez zaiola asko gustatzen iruditzen zait. Oso gutxitan etortzen da gurekin hondartzara. Eta ez datorrenean faltan botatzen dut nik. Etortzen denean ordea, ez du bainu-jantzirik jartzen. Ez du inoiz arroparik eranzten. Eta beti betaurrekoak jantzita eramaten ditu. Nire lehengusinek albinoa dela esaten dute. Baina nik ez dakit hori zer den. Medikuetara jolastea eta bere eguzkitako betaurrekoak ditu gustukoen amak, eguzki printzarik aminienekin ere beti gainean eramaten dituelako. Irakurtzea maite du amak, eta idaztea ere bai. Niri asko gustatzen zaizkit amaren ipuinak. Fantastikoak direlako. Amaren istorioetan ez dago Rodolfo bezalako munstrorik. Eta horregatik gustatzen zaizkit ipuin haiek. “Joxean, haurdun nau.” “Lasai laztana, neronek lagunduko zaittut abortetan eta...” eta segundo bakar batean, mila gauza irakurri ditu Joxeanek Maiteren begietan. “Ze abortetie gurozu, ezta?”. Eta isiltasuna. “Eh? Ezta?”. Isiltasuna. Berriro ere aurpegira egin dio so eta neskaren begirada tinko eutsi du Joxeanek bere begi urdin handi horiekin. Eta Maiteri inoiz baino ederragoak iruditu zaizkio begi horiek. Oraingoan Joxeanek maletak eta diosala bera ere irakurri ditu Maiteren begietan, eta negar egin du. Maiteren ordenagailua. Asko gustatzen zait gauez irakurtzea. Horrek bete egiten nau. Oroit ditut bai, amaren ipuinak. Mundu ezberdinez idazten zuen amak beti. Eta niri iruditzen zitzaidan beste mundu batean-edo bizi zela ama. Ipuin haiek nire amaren errealitatea ziren. Maiteren koadernoa eta liburua nire errealitatea den bezala. Nire liburua delako izango diot hain estimu handia agian. Edo txikitako egunerokoa delako igual. Maitetxoren egunerokoa delako. Harriduraz irakurtzen dut, nola kaligrafia eskas eta letra okerrez deskribatzen nuen mundua. Nola deskribatzen nuen nire mundua, zein errealitatetik at, haraindi baitzegoen. Nola ametsa bailitzan kontatu nituen gaueko oihu ikaragarri haiek, aita horditurik heltzen zenetan. Eta nola Rodolfori eskerrak ez nituen inoiz ikusi, amari erauziriko odol tantek ezkaratzeko baldosa zurietan eratzen zituzten irudi melankoliko eta ia agoniko haiek. Inozentziaz beteriko ele, hitz eta mundu hura, mundu inperfektu hura batez ere maite dut, errealitatea baino gehiago, nik eraikitako mundu perfektuak baino are gehiago. Maletak egin ditu. Joan egingo da. Urteetan zehar eraikiz aritu den etxe hura, lan hura, gizon hura, mundu hura... atzean utziko ditu denak. Atetik ateratzean hego bi hazi balitzaizkio lez sentituko da. Eta ez du behin ere atzera begiratuko. Orain Maitetxo delako. Etxe handia utziko du eta bi gelako etxe batean biziko da agian. Eta hilabete batzuk beranduago hamar kilo gehiago nabarituko ditu gainean. Etxe txiki horretan, pauso bakoitzean zoruko egurrak min oihu ozenak jaurtiko ditu igual. Eta hormetan arrakalak egongo dira. Bakarrik biziko da. Eta ez du afaltzeko itxaron beharrik izango. Eta gauetan ez du inoiz buruko minik izango. Bere bakardadean ez da bakarrik sentituko. Eta arraroa begitanduko zaio hori. Eta zeruak mila kolore izanen ditu. Eta batzuetan euria eginen du. Berak eraikitako ipuin perfektuetan ez bezala. Bere lekua kausitu du munduan. Eta erabaki du horrela, horma zikin eta arrakalatsu artean, mundu inperfektu horretan, zoriontsu dela. Maiteren ordenagailua. Sarritan iruditzen zait kartzela dela bizitza. Idazten dudanean, lanean behar nuke. Lagunekin nagoenean, idazten behar nuke. Bai, etxe handi hura bezala da bizitza; leihoez bestalde askatasuna ikus dezakedalako. Eta nik ezin izaten dut ene begirada leihoetatik aldendu, eta ezin izaten dut askatasuna eskuratu, kanpoan dagoelako. Edo Kanten adingabetasuna izango da nire bizitza agian. Adingabetasun horretan bertan, askatasuna bilatzen saiatzen naizelako. Baina adingabetasunean ezin aurki dezaket askatasunik. Platonen kobazuloa izango da nire bizitza igual. Itzalei begira egoten naizelako; eta eskuaz hartzeko ahaleginetan, hutsa baino harrapatzen ez dudalako. Klaro, itzalak dira, itzalak... Itzalak asko gustatzen zaizkit. Itzala izatea gustatuko litzaidake niri ere. Eskuraezina nintzatekeelako horrela. Itzalak gustatzen zaizkit, baina ez haizea beste, haizea itzalak baino are gehiago gustatzen zait. Erabat aske delako. Eta mendi gailurrak fereka ditzakeelako. Zortzi milako mendiak ferekatuko ditu haizeak igual. Edo zuhaitzen hostoak laztanduko ditu. Edo itsasoarekin jostatuko da. Olatuak eratzerainoko dibertimenduz. Ordenagailu aurrean eseri naiz. Haizea izan nahi dut. Burua eta bihotza zabal-zabal eginik, idazten hasi naiz. Asko gustatzen zait niri idaztea. Haizea bilakatzen naizelako idazten dudanean. Neu naiz jaun eta jabe. Eta mundu bat eraikitzen dut. Emakumeak Kanten gizaki erdisufizienteak ez direneko mundua. San Agustinen Jainkoa, egia ez deneko mundua. Mundu hobea. Ez! Gehiago: perfekzioaren mundua. Nire mundua. Idazten dudanean, mundu horretan, etxe handiko hormak desagertu egiten dira. Kobazulora argia sartzen da eta ez dit begietan minik egiten, eta gustuko izango dut argia. Kobazulora sartzen den argiak, adingabetasunetik aterako nau. Eta kobazuloa utzi eta haran misteriotsu eta inexistententeak bisitatuko ditut. Maite zaitut esateko hitz espezifikoak egongo dira han. Egia misteriotsuak liburutegietako liburu astunenen orrialdeetan egongo dira. Eta horrela, nor garen, zer garen, zer izango garen... jakingo dugu liburuak begiratze soilez. Jada ez diogu galdera paranoikorik egingo geure buruari. Erantzun ororen jabe izango garelako. Ez du euririk egingo. Eta zerua beti ederra izanen da han. Urdin-urdina; askatasuna bezala. Ez dakit zergatik baina beti pentsatu izan dut, askatasunak kolore bat izatekotan urdina izango litzatekeela. Lau petaloko hirustak aurkituko ditut han nonahi. Eta arrosa gorri ederrak. Arrosa gorri pila bat. Askotan saiatu naiz perfekzio hori bilatzen nire ipuinetan. Eta konturatu naiz, zoriontasuna perfekzioan bilatzea oker handia dela. Gizakia izaki inperfekktoa delako berez, naturaz. Eta ezin zaiola inolaz naturari aurre egin. Natura gu baino indartsuago delako, nahi duenean. Gizakia izaki inperfektua da, hiru petalodun hirustak bezala. Eta arrosa gorrien ondoan hazten diren margarita ttipi horiek bezala. Baina niri asko gustatzen zaizkit hiru petalodun hirustak eta baita udaberrian zelaien orlegi biluzia janzten dute margaritatxoak ere. Margaritak gustatzen zaizkit. Amak lepoko luze eta ederrak egiten zizkidalako arrosen ondoan zeuden margaritekin. Hirustak.... Txikia nintzela aititak ile artean jartzen zizkidan hirustak. Behin, nik ere gauza berdina egin nahi izan nion eta hirusta polit bat aukeratu nuen, hiru beso ikaragarri zituena. Berak orduan, lau petalodun batekin egin zuen topo eta petalo bat kendu ondoren, nire ileen artean kateatu zuen. Orduan arazo bat izan nuen nik. Belarri ostean jarri behar izan nion hirusta, ilerik ez zeukalako. Gero hil egin zen aitita eta geroztik hiru petalodun hirusta gustatzen zaizkit, lau petalodunak baino gehiago. Orain zoko misteriotsu ugariko mundu batez idazten dut beti. Margaritak eta arrosak nahasten diren mundu batez. Batzuetan, euria egiten du nire munduetan. Eta horrela, eguzkia egiten duenean, gehiago preziatzen dut. Batzuetan, negar egiteko gogoa izaten dut. Horrela, irribarre egin nahi dudanean, benetakoagoa izango delako, eta zoriontsuago izango naizelako. Zeruak mila kolore izan ditzakeen mundu batez idazten dut orain. Batzuetan beltza izanen da zerua, haserre dagoelako. Edo urdina izanen da, pozik dagoelako. Beste batzuetan, gorria izanen da, zoriontsu delako. Gizakia hiru petalodun hirustak eta arrosen ondoan hazten diren margaritak bezalakoa da. Eta inperfektuak dira mundua eta bizitza ere. Eta horregatik, gizaki inperfektua mundu inperfektuan soilik izan daiteke zoriontsu. Kontua da, gizaki bakoitzak bere mundu inperfektua eraiki behar duela, arrosetatik urrun jaiotzen diren margaritak bezala. Nik bezala. Asko gustatzen zait niri idaztea. Munduak eraikitzea. Bizitza asmatzea. Idaztean, haizea naizelako. Ostadarraren argia Itxaso del Olmo Lopez Sutondoan esertzen naizen bakoitzean aitonaren oroitzapena datorkit burura. Berotasun haren alboan eserita kontatzen zizkidan hamaika histori, hainbat gertaera eta beste hainbeste kontu zahar. Berak zioenez, antzina gertatutako kontuak ziren, baserrietako jendea iluntzearekin batera oheratu eta eguneko lehen eguzki izpien argitasunpean lanean hasten zirenekoak. Udaberri asko igaro dira aitonaren izterretan esertzen nintzenetik eta gaur egunera, gehiegi agian. Nire bizitzako azken urteotan etortzen zaizkit kontu zahar guztiak berriz burura, aitonaren hitz goxoak suaren inguruan dantzan ikusten ditudanean, mutiko gaztetxo bat nintzeneko garaietan moduan. Jendeak dio mundu hontan egoten jarraitzeko egunak bukatzear dituzunean agertzen direla zure bizitzako oroitzapenik politenak. Nik, behintzat, ziurtatu dezaket hitz horietan gezurrik ez dela ageri. Udako gau argi batean kontatu zidan ipuina da beste edozein baino hobeto gogoratzen dudana, barne barneraino heldu zitzaidan istorioa. Gau izartsua zen, inoiz berriro ikusi ez dudan bezalakoa. Zeru iluna txinparta distiratsuz josita zegoen eta argi txikitxo horien guztien artean ilargi amandrea ageri zen, oso osorik dena argiztatu nahian. Etxe aurreko zelaian zegoen lasto multzo baten etzan ginen aitona eta biok zerura begira. Ni erne nengoen hitz batzuen zain, nire irudimena aske utzi eta ipuinean murgiltzeko irrikitan... Mila lorez apaindutako etxe batetan bizi zen Katalin izeneko neskato bat, bere guraso eta anaiekin batera. Udaberrietako aire goxo eta familiako maitasun guztiaren artean hazi zen gure Katalin, lorerik ederrena baino ederrago bihurtu zen arte. Ez zegoen inguruan mutilik bere begietara begiratzean txundituta geratzen ez zenik. Eta horrela heldu zen neskatoaren gurasoak etorkizunari begira hasi ziren eguna. Alaba gizon batekin ezkontzea pentsatu zuten bizi on eta zoriontsu bat izan zezan. Mutil egokia aukeratuz gero, neskatxak ez zuen inoiz diru eta lur faltarik izango, eta horrela, familia eder bat sortu ahal izango zuen. Hori zen, zoritxarrez, antzinako garai haietan gurasoek nahi zutena beraien alabentzat. Ez zen asko berandutu lehenengo mutila neskatoaren etxeko atea jotzen. Inguruko lur askoren jabearen seme nagusia zen eta oraindik ezkongai zegoen. Katalin etxetik irten zenean mutila zeharo txundituta geratu zen haren edertasuna ikustean, eta birritan pentsatu gabe zera esan zuen: - Neska hori nirea izan behar da lehenbailehen. Harrotasun hori jasanezina zen Katalinentzat, berak ez zuen nahi horrelako inor senartzat eduki. Egunak igaro ahala, hainbat mutil gazte pasatu ziren neskatoaren etxetik baina denek zuten harrokeria kutsua begietan, eta honek ez zekien zer egin. Alde batetik, bere familia pozik egotea nahi zuen alaba gizon batekin ezkonduta ikustean. Baina bestaldetik, benetan maiteko zuen mutilak bere etxeko atea inoiz ez zuela joko iruditzen zitzaion, eta garai haietan adin batetik aurrera garrantzitsuena emazte bihurtzea zen. Horrela igaro ziren egunak, asteak eta hilabeteak, laino ilun batek Katalinen bihotza estali zuen arte. Neskatoa gaixotu egin zen, gero eta ahulago zegoen eta bere begiak dis- tirarik gabe geratu ziren. Denek uste zuten hori ez zela arraroa, hark zuen erantzukizuna ez zen txantxetarakoa. Baina denbora pasa ahala, Katalinek jateari utzi zion eta ez zen etxetik ateratzen, ezta loreak ureztatzeko ere. Orduan konturatu ziren bere gurasoak zoritxarra heldu zela bere alabarengana. Mota guztietako belar botikak eman zizkioten osatu zedin, baina alferrik izan zen. Azkenean, Katalinen anaiek beraiekin mendira joateko esan zioten, egun hartan ardiak eraman behar baitzituzten larre batetik bestera. Mendiko haize freskoak onura egingo zion itxaropenarekin, neskatoa anaiekin batera abiatu zen zelai orlegi erraldoietarantz. Egun horretan ezagutu zuen Katalinek bere anaien lagun handia zen Ibai izeneko artzain gazte bat. Larre aldaketak egiten zituztenean elkartzen ziren mendiko txabola txiki batean, gazta eta ogia elkar banatzen zuten bitartean. Mutiko pobrea zela zioten, bere senide bakarra zen aitona hil zenetik bakarrik bizi zen mendiaren beste aldeko etxola batetan. Artzainak batzen zirenean, egun aspergarriei bizia ematen zieten humore pittin batekin, ijiak eta algarak nonahi entzuten zirelarik, edozein gaztek egingo lukeen bezala. Pago erraldoi eta hostotsu baten azpian zegoen Katalin bere anaiek ardiak zaintzen zituzten bitartean. Oin pausoak entzun zituenean begirada alde batera eraman eta mutikoa ikusi zuen lurreko orbel eta sustraien artetik oinez zetorrela. Ibaik jarraian ezagutu zuen neskatxa, bere lagunek hainbat gauza kontatzen zizkioten arrebari buruz. Entzuna zuen polita eta liraina zela, baina ikusi eta batera konturatu zen ez zegoela hitz nahiko neskatoaren edertasuna deskribatzeko, Ibai zeharo txundituta geratu zen zuhaitzaren azpian zegoen harekin. Ez zekien zer egin, zer esan... bere aitonaren hitz batzuekin gogoratu zen momentu hartan: - Bazenekien pago erraldoi honek hitz egiten duela? -galdetu zion mutikoak. –Zuhaitz hau beti egon da hemen, inork ez daki zenbat urte dituen. Jainkoek landatu zutela diote orain dela milaka urte. - Zu Ibai zara, ez? –Katalinek aurpegi arraro batekin hitz egin zion. –Anaiek asko hitz egin didate zuri buruz, baina ez nekien hain gezurtia zinenik. Zuhaitzek noiztik hitz egiten dute?. Nik dakidala ez dute txintik ere esaten. - Baina honek bai, mendi honetako artzain guztiok dakigu pago hau berezia dela. Niri aitonak esan zidan, eta aitonak ez zuen gezurrik esaten. - Ondo da, erakutsi iezadazu ez zabiltzala gezurretan. Orduan, Ibaik enborra laztandu eta masaila zuhaitzaren azalarekin bat jarri zuen, hitz batzuen zain. - “Zoritxarrekoak zuen jainkoak asetzeko zuen nortasunari uko egitea eskatzen badi- zuete. Inork ez du eskubiderik bizitzako atea jotzeko benetako maitasunaren beroa esku tartean izan gabe. Katalinek ostadarraren argia ukituz gero bakarrik etorriko da argia bere begietara”. Katalin, guztiz harrituta, oihukatzen hasi zen. - Egia da, hitz egin du!!! . –baina pago zaharrak esan zuena ez zen berri on bat izan berarentzat-. Ostadarraren argia... ezinezkoa da argi hori esku tartean izatea, beraz, ezinezkoa da maite dudan mutil bat aurkitzea. Benetako zoritxarra nirea eta nire familiari eman diodana! Hitz horiek entzutean Ibai bere alboan belaunikatu zen, ezin baitzuen jasan neskatoa horren triste eta goibel ikustea. Lorerik ederrena eguzki argi gabe geratzen den moduan zegoen Katalin, bere begiak malko ilunez betetzen ziren bitartean. - Nik ekarriko dizut ostadarra. Zeruko jainko guztien aurka borrokatu behar badut ere, argirik politena lortuko dut zure aurpegira irribarre handi bat bueltatu dadin. - Ez Ibai, ez zaitez jarri jainko ahaltsuen aurka niri irribarrea bueltatzearren. Kalte nahiko egin diot nire familiari eta ez dut nahi inor gehiago mindu. Horrela agurtu zen neskatoa, buru makur eta ahots goibel batekin. Malkoak eskuekin kendu eta bere anaiengana abiatu zen etxera buelta egiteko asmoarekin. Ibai, berriz, pago zaharraren azpian geratu zen neskato ederraren tristura burutik ezin kenduta. Nola lortuko zuen ostadar argia Katalinengana eramatea? Zuhaitzak hori esan bazuen pisuzko arrazoi batengatik izango zen. Bat-batean, zerua hodei ilun eta potoloz estali zen eta trumoi hotsak entzuten hasi ziren mendiaren beste aldetik. Ibaik bere ardi guztiak bildu eta zuhaitzaren azpira eramaten zituen bitartean euri tantak erortzen hasi ziren, gero eta gehiago. Tximistek mehatxuzko keinuak egiten zituzten, ekaitza gainean zegoen. Mutikoa, beldurtuta, ardi guztien artean jarri eta artilezko jertse batekin estali zen, ekaitzaren barealdiari itxaroten. Hainbat pentsamendu zeuden bere buruan biraka: Katalin, bere edertasuna, haren begi goibelak... sabelean kili-kili bat sentitzen zuen, milaka tximeleta hegaz izango balitu bezala. Inoiz aitonak hitz egin zion sentimendu horri buruz, maiteminduen “gaixotasun atsegin eta goxoa” zela zioen. Orduan ulertu zuen Ibaik zer esan nahi zuen aitonak maiteminduei buruz hitz egiten zuenean. Pixkanaka-pixkanaka, euri tantak gero eta gutxiago ziren eta ez zen trumoi hotsik entzuten. Hodei ilunak mendiaren beste alderako bidaia jarraitzen zuten bitartean, zeruan hutsune urdin argiak agertzen hasi ziren. Eguzkiak kuku bat egiteko aukera izan zuen momentuan ostadar erraldoi bat agertu zen, haraneko alde bat bestearekin lotzen zuen zazpi koloreko zubia. Birritan pentsatu gabe, Ibai arineketan hasi zen mendian gora. Zelai erraldoitik abiatuz, baso sakona zeharkatu eta harrietatik gora igo zen ostadarraren oinera heldu zen arte. Bertan poltsa ireki zuen kolore pixka bat sartzen uzteko asmoz. Ondoren, soka batekin lotu eta herrirantz abiatu zen lehen eroritako tximistak baino arinago. Ardiak ere bere atzetik zihoazen, mantu zuri bat bera harrapatu nahian joango balitz bezala. Gutxi falta zitzaion Katalini etxera heltzeko ardien txintxirrinak eta Ibaien oihuak entzun zituenean: - Katalin! Ostadar argia lortu dut zuretzako! Mutikoa arnasestuka urreratu eta lurrean belaunikatu zen poltsari soka kentzen zion bitartean. - Hemen dago zuk behar duzun botika irribarrea zure aurpegira bueltatzeko. Katalin bere aurrean eseri zen, ez zuen ezer ulertzen. Mutikoak poltsa ireki zuenean hutsune handi bat baino ez zegoen han barruan; eskuak sartu zituen zerbait aurkitzeko asmoz, baina alferrik. Ostadarra desagertu egin zen. Eskuekin aurpegia estali eta burua makurtu zuen. Artzain gazteari zerua erori zitzaion gainera, zer pentsatuko zuen orain Katalinek? Neskatoari zuzendu zion begirada, malko erraldoiak bere begietatik ateratzen ziren bitartean. Orduan konturatu zen Katalin Ibairen masailetatik behera irristatzen ziren negar tanta haiek benetako maitasunaren seinale zirela, eta laztan goxo batekin malko bat hartu zion. - Ez al da hau bilatzen ari zinena? –esan zion negar tanta bere atzamarretik behera zihoala. Egunaren azken argiak zelaietan zehar ikusten ziren bitartean, eguzki izpi batek Katalinek eskuan zuen malkoa zeharkatu eta ostadarraren zazpi koloreak marraztu zituen ur tantatxo hartan. Ijitoa Aritz Arrizabalaga Amesgaiztotik izerdi patsetan eta arnasestuka esnatu zen Puskas. Bihotzak taupada bizkorrak ematen zizkion, eskuek dardara beldurti bat zeukaten eta buruak ezin zuen lasaitzeko agindurik eman, ametsetatik bueltan oraindik ametsean zerbait utzi bazuen bezala esnatu zen. Maindirea izerdiarekin bustita zegoen, jantzita zeuzkan kantzontziloak bezala. Oraindik urduri, ohe ertzean eseri zen. Ukondoak belaunen gainean jarri zituen, burua eskuen gainean jartzeko. Nekatuta zegoen. Egunak ziren goizaldean esnatzen zela amesgaizto haren erruagatik, urteak. Giharrak gogortuta zeuzkan. Min handia sentitzen zuen gorputz guztian zehar, batez ere bizkar aldean. Burua altxatu zuen ze ordu zen jakiteko: ordu biak. Ez zuen logelako erloju zaharraren informazioa gogo onez hartu. Bazekien amesgaizto hartatik esnatzen zenean ezin zuela gehiago lorik hartu. Etxean ibiltzeko erabiltzen zuen jertse zahar bat gainetik bota, kantzontzilo zikinak kendu, praka zahar batzuk jarri eta leihora hurbildu zen. Logelako leihotik herriko sarrera ikus zitekeen. Ilargi beteak nahiko argitasun ematen zuen herriari begira jartzeko. Aurreko egunetan elurra sortu zuten hodeiak alde egin zuten. Belardietako zuritasunari erreparatu zion Puskasek; hain zuria, hain garbia, azukrea zirudien. Elurte handiak izan ziren azken egun haietakoak, eta bide gehienetan elurra ikus zitekeen. Herrira sartzeko bidea ere hala zegoen. Zaila zen herrira iristea. Nahiko apartatuta zegoen. Bertara heltzeko hiriko errepide nagusia hartu behar zen, eta, Pagoa ostatuko bidegurutzea iragan ondoren, mendi aldera jo zenbakirik ere ez zuen bide estu batetik. Berehala, gaztainadi bat zeharkatzean, baserriak ikusten ziren lerroan, erreka ziztor baten erara kokatuak, eta artasoroak, sagastiak, belazeak haien jira guztian, eta gero berriro ere mendiak, basoak, milaka zuhaitz malda guztietan gora.5 Beste mundu bat zen. Bere herriari begira, Puskasek bazekien goizerarte egon beharko zuela han; nekatuta, lo egin ezinik eta pentsamendu zaharrak ahaztu nahian. Horregatik sukaldera joan eta kafea prestatu zuen txapa zaharrean berotuta. Berriro bueltan, leihotik begira, bere amesgaiztoaz madarikatu zen. Ezin zion aurre egin eta pixkanaka-pixkanaka itzaltzen ari zela sentitzen zuen. Ez zeukan inor inguruan arazo horretan laguntzeko; semeak hirira joan zitzaizkion aspaldi lanera eta bere Kattalin maitea zazpi urte lehenago eraman zuen gaixotasun batek. “Zenbat urte daramatzat lo ondo egin gabe ? hamar, hamabost” galdetzen zion bere buruari. Gogorra zen iluntasuna bakardadean. Gogorra zen gaua Puskasentzat. Eguerdian bazkari xume bat egin zuen Puskasek arrautza pare batekin eta solomo apur batekin. Emaztea hil ezkeroztik bazkariak asko mugatu ziren. Bazkaldu ostean ohean etzanda lo hartu zuen ordu erdian argazki zaharrak ikusten ari zela. Goizaldea eta goiz guztia eman zuen argazki haiek ikusten. Ordu erdi beranduago, esnatu zenean garai bateko apaizaren argazkia zuen eskuetan. Ohetik altxatu zenean erloju zaharrari begiratu zion, hiru ordu laurden geratzen zitzaizkion lagunekin izaten zuen hitzordura heltzeko. Arropa garbiak jantzi, leihotik azken begirada bota eta etxetik irten zen. Puskas baserri zahar batean bizi zen, baina ez zeukan animaliarik, ortu txiki bat baino ez. Plazatik nahiko urrun zeukan baserria, kilometro erdi batera. Baserriko atetik irtetean ohartu zen aurreko egunetako tenperatura ez zela asko jaitsi, nahiz eta eguzkia agertu zen aspaldiko partez. Su eten bat zen. Atsedenaldi bat. Beroki lodi bat elur artean. Pauso geldoz eta elur gutxien zegoen lekuetatik plazarantz bideratu zen Puskas. Urteak ez ziren alferrik pasatu, baina oraindik plazarako bidea egiteko gai zen. Ordu erdian plazara heldu zen. Guztiz zurituta zegoen plaza: eserlekuak, lurra, plaza erdiko gereziondoa... Zuritasun haren ertzean, plazaren albo batean kokatuta zegoen Balbe, herriko taberna. Hitzordua baino lehen heldu zen Puskas Balbera, baina kanpoan hotzez itxaroten egon beharrean barrura sartzea erabaki zuen. Barrura sartu zenean esperantza gutxiz bere lagunak heldu ote ziren begiratu zuen, baina susmatu bezala oraindik ez ziren bertara agertu. Poltsikotik txanpon bat atera eta ardoa eskatu zion Maialeni, Balbeko tabernari gazteari. Bera zen herrian gelditzen zen gazte bakarra. Besteak hirira joan ziren herria abandonatuz. Maialen berez ez zen herrikoa, hamabost urte lehenago joan zen bere amarekin herri hartara. Eskatutako ardoa ateratzean, Puskasek, kontu handiz hartu eta mahai baten eseri zen lagunak noiz etorriko zain. Balbe taberna polita zen. Txikia baina atsegina. Hormetan argazki zahar ugari ikus zitezkeen; herriko apaiz zenarena, 42ko elurtearena, taberna egon aurretik bertan zegoen gereziondo zaharrarena eta herrian esanguratsuak ziren beste hainbat herritar eta tokirena. Hiruzpalau egurrezko mahai ere bazeuden. Balbe bigarren etxe bat bezalakoa zen herritar askorentzat. Maialen eta bere ama Maria Jesus oso atseginak izaten ziren herritarrekin, eta herritarrek estimu handian zeuzkaten ama-alabak. Tabernari begira ari zela Puskasek Kattalinekin izaten zituen eztabaidak gogoratu zituen taberna zela eta ez zela. “Joxe Mari – emazteak beti deitzen zion bere izenez-, ez dut taberna hori gustuko! Ziur nago ez duela gauza onik ekarriko”, “Emakumea taberna bat besterik ez da, lasaitu zaitez”. Eguneroko eztabaidak ziren. Egun baten Puskas berandutzen ari zela bere emaztea tabernara joan zitzaion bila. Haserre zegoen Kattalin. Tabernara sartu zenean ordea, Maialenek eta Maria Jesusek hain ondo tratatu zuten, bertan gelditu zela senarrarekin katilu bat esne bero lagun zuela. Handik sei egunera hil zen Puskasen emaztea gaixotasun ezezagun batek jota. Oroitzapen latz horiek gogoratzen ari zela sartu ziren tabernara Tomas eta Joxe, muturluze eta triste. - Zer duzue horrela egoteko?- galdetu zuen Puskasek lagunen aurpegi goibelak ikustean. - Nola zer dugun, ez al dakik atzo zer gertatu zuan ala? - erantzun zion Joxek. Puskasek sorbaldak altxatu zituen erantzunaren zain. - Sabino hil duk. Puskasek ezin zuen sinetsi. Joxeren aurpegian irribarre bat noiz margotu zain gera-tu zen, adar jotze bat izango zenaren esperantzan, baina ez zen halakorik gertatu. - Ezinezkoa duk. Atzo hemen utzi nian pozez kantuka. Aurreko egunean hain bizi ikusi zuen pertsona hil zela ezin zuen onartu, bihotza beregain bildu zitzaion, ezpainek dar-dar egiten zioten eta hitz egitea kosta egitenzitzaion. - Ba egia duk. Etxerantz zihoala elurrarekin irrist egin eta buruan kolpe bat hartu zian. Gaur goizean aurkitu ditek elur urtuan botata. Hiru lagunak mahaiari begira geratu ziren, mahaiak zerbait azalduko balie bezala, baina mahaiak ezer esaten ez zuenez jarrera aldatu zuten. Poltsikotik dirua atera eta hiru baso erdi eskatu zituen Tomasek. Maialenek eskatutakoa atera zion. - Sentitzen dut zuen lagunarena. Tomasek keinu bat egin zuen buruarekin eskerrak emanez eta mahaira itzuli zen neskaren begi urdinei azken begirada bota ostean. Mahai inguruko aulkietan eserita berriz ere isiltasun astun bat nagusitu zen hiru lagunengan. Isiltasun astunegia, zeuzkaten ehun eta laurogei urteak baino astunagoak. Begiradak marra infinitu bat ziren airearen unibertsoan. Leihotik at, lurretik at edo tabernariaren begi urdinetatik at, begiradak hari infinituak ziren, noiz hautsiko zituzten zain egoten zirenak. - Noiz duk hileta?- Puskasen hitzak guraizeak bezala moztu zituen marra infinituak. - Bihar zazpietan. - Ezin diat sinetsi lagunok. - Ba egia duk, Puskas. Nik ere Tomasek esandakoan ezin izan diat sinetsi, baina hala duk. Gainera ohitzen joan behar gaituk. Azken urte hauetan gero eta jende gehiago hiltzen ari duk. Puskasek buruarekin mugimendu bat egin zuen, nostalgia puntu batekin, arrazoia emanez bezala. Elkarrizketa bukatuta berriro ere isiltasuna beraiekin batu zen. Egoera hari aurre egin ezinik amore eman zuten; baso erdia amaitu bitartean hari ikusezinari eusten iraun zuten. Ondoren etxerako bidea hartu zuten elur maluta berrien azpian. Hurrengo egunean herritar guztiak joan ziren elizara. Puskasek igandeetako arr pak jantzi zituen eta hileta hasi baino lehenago elizaren atarian zegoen. Eliza txikia zen eta jendez beteta zegoen jada. Bere lagunak non egongo begira jarri zen eta handik gutxira Tomas ikusi zuen atetik hurbil auzokoarekin hitz egiten. Beraiengana hurbildu zen eta pixka batean hitz egiten egon ondoren , Tomasen auzokoa bere lagun batzuekin elkartu zen lagun zahar biak bakarrik utziz. - Joxe ez al duk etorri? - Ez. Goizean egon nauk berarekin eta emaztea gaixorik zeukala esan zidak. Okerrera egin ezkero hiletara ez zela etorriko esan dik. - Eguraldi madarikatu hau! Garai txarrak dituk, orain hogei urteko eguraldia bezain txarra duk hau. - Bai, baina zorigaiztoko haiek ez zituan eguraldiaren ondorio edo kulpa izan, ijitoarena baizik. Puskasek ez zuen ezer erantzun hileta hastera baitzihoan , baina bere lagunak esandakoak hogei urte atzeratu zuen bere pentsamendua, 1942ko negurarte. 1942ko otsaila zen ijitoa herrian sartu zenean. Inork ez zekien nondik agertu zen. Berria bolo-bolo zabaldu zen herrian eta apaiza berehala joan zitzaion babesa ematera. Gizon isila zen ijitoa, herritarrekin asko erlazionatzen ez zena. Horrek, eta ijito izanda herrian bakarrik agertzeak misterio puntu bat ematen zion.. Herritar askok mesfidati begiratzen zioten, ez baitzitzaien normala iruditzen kanpotar bat besterik gabe beraien herrian bizitzea. Jendea kexuka joan zen apaizarengana, beltzaran begi urdin ezezagun hark ez zuela herrira gauza onik ekarriko esanez, baina apaizak lasai egoteko esaten zien, pertsona ona zela eta ez zuela arazorik sortuko. Hasierako egoera haren ostean giroa pixka bat baretu zen. Hala ere ijitoa ez zen sekula herritarrekin erlazionatu. Apaizaren babespean zegoen eta zurgin ofizioa ikasi zuen Puskasekin. Egunak eta asteak pasatu ahala herriko jendeak kasu gutxiago egiten zion ijitoari eta hau etorri aurreko bizitza egiten jarraitu zuten jatorri ezezaguneko pertsona hura herrian ez balego bezala. Ijitoa bakardadean bizi zen, baina zoriontsua zen non lo egin bazeukalako. Gainera Puskasekin noizean behin lan egiten zuen eta lagun onak egin ziren. Egoera lasai hura ordea udaberria etortzean bukatu zen. Martxoaren hogeita bosta zen. Tenperatura asko jaitsi zen eta hodeiak elkarren kontra metatu ziren. Eguerdian hasi ziren lehen elur malutak herriko lurretan erortzen. Elur malutak goitik behera, gauerarte jarraitu zuten herria zuritzen haurren gozamenerako. Zortzi egun iraun zuen elur jasa hark eta hogei zentimetroko sakonera zegoen elurretan. Gauez hodeiek alde egin zuten izarrei lekukoa utziz. Hurrengo egunean eguzkiak elurra urtuko zuela uste zuten herritarrek, baina hodeiak goizean goizetik metatu ziren eta egunean zehar berriz ere elurra egiten hasi zen. Gaueko hamarretan hodeiek berriz ere alde egin zuten. Herritarrek ezin zuten kasualitate hura sinistu, baina eguzkiak hurrengo egunean elurra urtuko zuen esperantzaz oheratu ziren. Hurrengo egunean ordea aurreko egunetako eguraldia errepikatu zen; gaueko hamarrak arte hodeiak, hotza eta elurra, eta horrela jarraitu zuen hurrengo egunetan ere. Hirurogei zentimetroko elur geruza zegoen herri guztian zehar eta eguzkia irten arte ezinezkoa zen egoera hari aurre egitea. Aste bete igaro zenean zurrumurru bat zabaldu zen herritarren artean: herriak maldizio bat zeukala eta ijitoa zela maldizio haren erruduna. Zortzigarren egunean egoera aldatu ez zela ikusi zutenean herritar guztiak apaizaren etxera joan ziren eskuetan aizkorak, aitzurrak, segak eta harriak zituztela. Puskas apaizarekin eta ijitoarekin zegoen momentu hartan. Apaizak leihotik ikusi zituen hurbiltzen herritar haserretuak beraien tresnekin elur artean nekez ibiltzen. Herritarrak geldiarazteko asmoz apaiza atera irten zen, “Etorri hadi hi ere” laguntza eskatu zion Puskasi, baina beldurrak geldiara- zita Puskas sukaldeko txoko batean geratu zen ijitoaren begirada eutsi ezinik. Apaizak ahal zuen beste eutsi zien herritarrei, baina azkenerako indarrez sartu ziren etxe barrura ijitoaren bila. Sukaldera sartu zirenean, leihotik ikusi zuten ijitoak elur artean nola ihes egiten zuen. Ijitoa ez zen herrira sekula itzuli eta elurteak beste aste bete iraun zuen, baina elurtea gelditu zenean herritarrek maldizioa hautsi zutelako izan zela uste izan zuten. Puskas bere pentsamenduetatik bueltatu zenean jendea eliza barrutik atarirantz irteten ari zen. Herriko lagunak agurtu eta Sabinoren alargunari doluminak ematera joan zen Puskas. Ondoren Tomasekin elkartu zen. Hitzik sortzen ez den egoera horietako bat zen. Bi agureak, mutu, bazekiten minutu batzutan ez zutela hitz egin behar, absurdua izango zela. Isiltasun horretan Balberantz abiatu ziren hezur zaharrak astiro mugituz. Hiletak iraun bitartean eguraldiak okerrera egin zuen, hodeiak ilundu egin ziren eta tenperatura asko jaitsi zen. Hala ere Balbera iristeko ez zuten arazorik izango. Taberna elizatik nahiko hurbil zegoen, eliza plazako bide zaharretik gora baitzegoen eta taberna plazan bertan. Bidea laburra zen, baina aurreko egunetako elurteak aldapa labur hura guztiz busti zuen eta Puskas eta Tomas astiro jaisten ari ziren. Kezka aurpegiarekin jaisten ari ziren agure biak. Bata aldapak sortzen zion kezkarekin eta bestea oroitzapenak sortzen zion kezkarekin. Nola ahaztu gertakari hura? Hogei urte pasatu eta gero ere lotsa sentitzen zuen Puskasek. Bere herriaz ez, herritarrez. Herria zoragarria zen. Zenbat aldiz jolastu ote zuen kale zahar haietan, zenbat arrankari harrapatu ote zituen erreka hartako ur gardenetan eta zenbat aldiz igo ote zen mendi eder haietara. Ez, herriak ez zeukan kulparik. Gertakari hura ordea ezin zuen ahaztu. Amesgaiztoetan agertzen zitzaion ijitoa bere begi urdinekin laguntza eskatzen, baina Puskasek ez zion laguntzen. Burua biratu nahi zuen, baina ez zeukan indarrik eta orduan ijitoaren begi urdinak beira bezala hausten ziren, gereziondoaren oinetan bere hondarrak utziz. Puskaz izerditan esnatzen zen, arnasestuka. Beste herritarrak ordea ijitoa joan zenetik lasai bizi ziren. Hala ere Puskasek herritarrei ez zien inoiz ezer aurpegiratu, ezta bere lagunei ere. Hura zen bere herria eta ez zeukan nora jo. Herritarrekin eta lagunekin ondo konpontzea beste aukerarik ez zuen. Garai haiek gogoratzen ari zela ohartu zen aldapa guztiz jaitsi zutela. Plazara heldu ziren. Aurreko egunetako elurtearen arrastoak oraindik ikus zitezkeen. Gereziondoaren oinetan eta etxe ondoetan oraindik elur arrastoak ikus zitezkeen. Tenperatura asko jaitsi zen eta plazan, etxeen babes gabe haize hotzari aurre egitea gogorragoa zen. Hotzak eta lur lauak bultzatuta Puskasek eta Tomasek pausua bizkortu zuten tabernarantz. Tabernako atea zabaldu zutenean, normala zenez, hiletan egondako herritar asko aurkitu zituzten. Esperantza askorik gabe eserleku libreren bat aurkitzen saiatu, baina ordurako eserleku guztietan herritarren bat zegoen hankei su-eten bat eskaintzen. Gorputza berotzeko barrara hurbildu eta bi baso erdi eskatu zizkioten Maialeni. Tragoak eskuetan hartu eta herriko jendeari begira geratu ziren. Zenbat aldiz errepikatu zen eszena hura azken urteetan? Askotan. Gehiegitan. Azkeneko urteak zorigaiztokoak izan ziren. Puskas tabernan zeuden herritarrei arretaz begiratzen ari zen. Bazekien herritar horietako bat izan zitekeela hurrengoa, barruko mezulari ezezagun batek esaten zion. Baso erdiari azken tragoa eman eta Maialenengana biratu zen beste bi baso erdi eskatzeko. Bi begi urdin haiek inoiz baino urdinagoak iruditu zitzaizkion Puskasi eta ordaintzean begirada bi putzu urdin haietan finkatu zuen segundo batez. Lau begien artean sortu ziren hariak informazio bide bihurtu ziren. Puskasek informazioa jaso zuen, baina ez zuen ulertzen esanahia. Erdi kezkatuta erdi harrituta burua biratu zuren eta Tomasi baso erdia eskaini zion. Momentu hartan bi eserleku libre geratu ziren eta bertan esertzea erabaki zuten. - Zer duk?- galdetu zion Tomasek- arraro sumatzen haut. Sabinorenagatik duk? - Bai.- erantzun zion Puskasek, nahiz eta bazekien erantzun hark ez zuela Tomas konbentzitu, ezta bere burua ere. Aulkietan eserita leihotik kanpora bideratu zuten begirada. Elurra ari zuen. Ez aurreko egunetan bezala baina elur maluta txikiak pixkanaka-pixkanaka plazan finkatzen ari ziren. Seigarren eguna zen elurra egiten zuela. Egun asko ziren, baina dagoeneko herrian ohituta zeuden. Tabernan oraindik jende asko zegoen eta kanpoko hotza ez zen barrura sartzen, tabernako atea zabaltzen zenean izan ezik. - Nahi al duk beste baso erdi bat?- galdetu zion Puskasi Tomasek. - Bai. Tomasek hirugarren baso erdia zekarrela, jende asko tabernatik irteten hasi zen eta bat-batean taberna ia hutsik geratu zen. Tomas eta Puskas kenduta beste hiru herritar bakarrik geratzen ziren. Etxetxikiko Juan eta San Antonioko Larrinaga anaiak. Bakardade hark giroa hoztu eta tristatu zuen. Isiltasuna nagusi zen tabernan eta Puskasek eta Tomasek tragoa bukatu orduko beste hiru herritarrak alde egin zuten. Bi lagun zaharrak elkarri begira geratu ziren zer egin behar zuten ez balekite bezala. - Guk ere alde egin beharko diagu ezta?- galdetu zuen Tomasek baiezko erantzun baten esperantzan. Puskas erantzutera zihoan, baina begirada altxatu zuenean Maialenen begi urdinak finkatu ziren bereetan eta berriz ere zerbait esaten ari zela iruditu zitzaion. - Segi ezak etxera nahi baduk, nik beste trago bat hartuko diat. - Nahi duan bezala. Bihar arte. Tomas aulkitik altxatu eta pauso geldoan aterantz hurbildu zen. Atea zabaltzean eskua altxatu zuen “ikusi arte” esango balu bezala. Tomasek alde egin zuenean Puskas leihotik begira geratu zen. Elurra ari zuen, gutxi baina lurra berriz ere zuritzen ari zela ikus zitekeen. Begirada leihotik kendu eta barrara hurbildu zen. Maialen basoak garbitzen ari zen irribarre urrun bat aurpegian margoturik zuela. - Baso erdi bat- eskatu zuen Puskasek. Maialenek baso garbitu berri batean ardoa bota eta barra gainean utzi zuen. Ez zion ezer esan. Leihotik begira geratu zen. Elur-malutak gero eta bizkorrago erortzen ari ziren. Plaza zuritzen ari zen eta gereziondoaren hostoetan elur habiak ikus zitezkeen. Puskasek Maialenen begirada berreskuratu nahi zuen, leihotik kendu eta bere begietan finkatu, oraindik ez zuen lehenago emandako informazioa ulertu ahal izan. Puskasek begirada neska gaztearen begietan finkatu zuen burua noiz biratu zain. Maialen puntu infinitu batera begira zegoen. Irribarre urruna ezabatuta, espresio gabe, izotz bloke bat bezala, geldi. Maialenen gorputza, hotz, isilik, arima gabe zegoen. Puskasek zerbait esan nahi zuen, egoera aldatu, baina ez zitzaion ezer zentzudunik bururatzen. “Ardo ona”, “Kanpoan hotz egiten du” edo “Sabinorena ere” esatea pentsatu zuen, baina isilik geratu zen. Maialen oraindik leihotik begira zegoen. Puskasek ezin zuen sinetsi. Ez al zuen bezeroak errespeturik merezi? Ez al zuen agure hark atentzio pixka bat merezi? Eta batez ere, ez al zion Maialenek azaldu behar lehenago berari zuzendutako begirada? Jakin-min handia sortu zion begirada hark, begi urdinen begirada hark. Bazekien Maialenek ez zuela agure batekin oheratu nahiko, aukera hori hasieratik baztertu zuen. Begirada hark zerbait esan nahi zuen, zerbait garrantzitsua. Hamabost urte zeramatzaten Maialenek eta bere amak herri hartan eta inoiz ez zion Maialenek horrelako begiradarik zuzendu. Begirada hura berezia zen, hain berezia azken bi orduetan Balben geldiarazi zuela. - Udaberri gogorra da aurtengoa. Hobe duzu etxera joatea. Puskas harrituta zegoen. Maialenen begi urdinak bere begietan finkatuta zeuden. Zerbait esatera joan zen, azalpenen bat eskatzera, baina leihotik elurra mara-mara ari zela ikusi zuen eta aterantz zuzendu zen. Tabernatik irten zenean plaza zurituta zegoen. Elurra leku guztietan zegoen; egurrezko banku zaharretan, irteerako iturrian, etxeetako teilatuetan... Dena zegoen zuriz jantzita. Puskasi txikitako oroitzapenak etorri zitzaizkion burura. Herriko lagunekin elurretan jolasten ikusi zuen bere burua, irrifartsu, korrikan alde batetik bestera lagunei elur bolak botatzen.Orduak egoten ziren arropa lodien babesean fikziozko gauetan. Eta gero etxera bueltatzen ziren, beheko suaren berotasunera. Han, berotasun gozo hartan esne beroa edaten zuen Puskasek bere bi anaiekin eta bere gurasoekin batera eta aitak ipuin harrigarriak kontatzen zizkien. Otso eta hartzei buruzko ipuinak, gazte adoretsu eta neska bahituei buruzko ipuinak. Berandurarte egoten ziren horrelako egunetan suaren inguruan, suari begira, suaren barnean mundu berriak ikusten, begiak bero, munduko zoriontasun guztia lau pareta haien barruan kontzentratuko balitz bezala. Gero lotara joaten ziren. Anaia gaztearekin eta anaia zaharrarekin logela berdinean egiten zuen lo eta maindire azpian etorkizunari buruz eta bizitzari buruz galderak egiten zituzten. Azkenean, nekatuta, kezkarik gabe lo hartzen zuten. Baina horiek beste garai batzuk ziren. Plazako zuritasunean hotza nagusi zen. Tabernan izandako berotasuna berehala kendu zitzaion Puskasi. Elurra ez zen gelditzen eta haizea gero eta indartsuago bilakatzen ari zen. Pauso geldoz eta etxera lehen bait lehen iristeko asmoz Puskas Balbeko atetik urruntzen hasi zen. Elurrak esku bateko sakonera hartu zuen ordu gutxian. Puskasen pausuak motelak ziren, ez zirudien aurrerantz egiten zuenik. Alkoholak eta elurrak nekea areagotzen zuten eta hanketan hotza sentitzen hasi zen. Pausu bakoitzean sendoago zapaltzea erabaki zuen, hanketako hotzari aurre egiteko, baina horrela ibiltzeak izugarri nekatzen zuen. Elurra ez zen gelditzen. Puskasen arropetan elur malutak etengabe erortzen ziren eta pixkanaka-pixkanaka iturri, banku edo teilatu bat balitz bezala zuritzen hasi zen. Plaza erdirantz zihoala, sorbalda guztiak zurituta zituen. Txapelaren goialdea zuri-zuri zegoen, irinez estalita bezala. Elur maluta lodiak ziren, bizkortasun handiarekin erortzen zirenak. Pausu bakoitza elur sakonera handiagoan ematen zuen Puskasek. Etxerako bidea abentura bat bihurtu zen, abentura arriskutsu bat. Buelta ematea pentsatu zuen eta Balbera sartzea. Burua biratu zuen tabernarantz, baina berehala kendu zuen ideia hura burutik. Burua berriz gorputzaren norabidean jartzean ordea zirrara batek zeharkatu zuen Puskasen gorputza. Ez zen haize hotza eragindako zirrara edo hotzikara bat, ez zen hanketako minak eragindako zirrara bat, irudi batek eragindako zirrara bat zen. Balbeko leihoan begi urdin batzuk ikusi zituela iruditu zitzaion, bere amesgaiztoko begiak bezalakoak. Buelta eman nahi zuen ikusi zuena gezurtatzeko, gorputza ez zen mugitzen ordea. Bere ametsean bezala, ez zeukan adorerik begietara begiratzeko. Negar egiteko gogoekin eta pausu nekatuarekin alde egin zuen Puskasek gereziondoa atzean utziz. Oharrak [←1] Ez da ahaztu behar, Foërgell, Moërgell eta Zoërgell matriuskak, hil berri zen Mattin Gorriren anaia zahar, Sam Beltxen jostailu zirela; ume erabat zital eta berekoia berau, Jainko damu-gabe baten semea. [←2] Garai ilun hartan ez baitzegoen mundua txantxetarako, gatazkak txanpinooiak bezain azkar eta 68 ugari Afrikako lur zartatu eta idorrak, hortaz, Moërgellen egindako UNDER-APPLE mina pozoitsuez hanpatzen hasi ziren gupidagabe, armen trader bihozberen bozkariorako. [←3] Normala da Dubiok lanetik irten eta berehala etxerako gogorik ez edukitzea. Izan ere, bertara ailegatzeko aldapa itzela igo behar baitzuen; herritik auzora 80 eskailera, ondoren bidezidor bat, eta gero beste 65 eskailerako propina; hori guztia, igogailurik gabeko zazpigarren solairuan aurkitzen zen etxe-zulo ziztrin eta ospel batetan sartzeko. Ezkonge zen Dubio. Eta geratzen zitzaizkion familiako bakanak (lehengusina muxurdin parea) bostehun kilometrotara bizi ziren eta bostehun kilometrotara zuen familia ez zen jada bere familia, Dubiorengandik jasotzea espero zuten herentzia 73 ardotan likidotzen ari zela konturatu ziren egun berberetik. [←4] Nola milaka urte lehenago behinolako Errege Ataulfo bisigodoa, bere nano txantxalariaz barrezka etengabe aritu eta, kasualitatez Dubio izena zuen nano ñimiño horrek, Hispania penintsularen ekialdeko errekasto batean, beretaz barre eginagatik mendeku hartuta, zintzurra ebaki zion. Bizkarretik, 75 hain zuzen ere. [←5] Atxaga, B., 2003, “Soinujolearen semea”, Pamiela, Iruña, 75-76.
http://www.booktegi.eus/ Edizio hau elebiduna da. Euskaraz irakurri nahi baduzu, esteka honetan sakatu, mesedez: Hogeita hemeretzi mailak This is a bilingual edition. If you wish to read the book in English, please click on this link: The Thirty-nine Steps Hogeita hemeretzi mailak Ilustrazioak: Daniel Oppenheimer daniel.oppenheimer.ruiz@gmail.com Itzulpena: Aritz Branton aritz@11itzulpen.eus Lagunek laguntzen gaituzte, laguntzen digute… Amelia Perez, Garazi Arteagoitia, Inazio Mujika, Amaia Lasheras, Ainhoa Sanz López de Heredia. 1 - Hil zen gizona 2 - Esneketariak bidaiatzeari ekiten dio 3 - Tabernari literarioaren abentura 4 - Hautagai erradikalaren abentura 5 - Bide-langile betaurrekodunaren abentura 6 - Arkeologo burusoilaren abentura 7 - Errekako arrantzalea 8 - Harri Beltzaren etorrera 9 - Hogeita hemeretzi mailak 10 - Talde anitz kostaldean elkartzen dira Hitzatzea 1 - Hil zen gizona Maiatzeko arratsalde hartan, hirurak aldera, bizitzaz nazkatuta itzuli nintzen Londresko Citytik. Arbasoen herrialdean hiru hilabete neramatzan eta kokoteraino nengoen. Urtebete lehenago norbaitek horrela sentituko nintzela esan izan balit, barre egingo niokeen; orain, ordea, horrela zen. Eguraldiak gaizki sentiarazten ninduen eta britainiar arrunten elkarrizketek nazka ematen zidaten. Ezin nuen kirol nahikorik egin eta Londresko dibertsioak eguzkitan egon den freskagarri bat bezain ahulak iruditzen zitzaizkidan. “Richard Hannay, adiskide —esaten nion neure buruari behin eta berriro—, bide okerrean sartu haiz, eta hobe duk hortik ateratzea”. Lehenengo urteetan Bulawayon egin nituen planak gogoratzen nituenean, hozka egiten nien ezpainei. Dirutza biltzea lortu nuen —ez zen dirutza handia, baina niretzat aski zen—, eta ondo pasatzeko modu asko pentsatuta neuzkan. Sei urte nituela, aitak Eskoziatik eraman ninduen, eta, geroztik, ez nintzen inoiz etxera itzuli. Beraz, niretzat, Erresuma Batua Mila gau eta bat gehiago ipuinetan agertzen diren lekuen modukoa zen, eta nire bizitza han pasatu nahi nuen. Hala ere, hasiera-hasieratik etsipena izan zen niretzat. Astebete igaro baino lehen, monumentuak ikusteaz nekatuta nengoen, eta hilabetea igaro aurretik, jatetxeez, antzerkiez eta zaldi-lasterketez ere bai. Ez nuen benetako lagunik, eta, seguruenik, horixe zen nire egoeraren arrazoia. Pertsona askok etxera gonbidatzen ninduten; baina ez zuten niregan interes handirik, antza. Hegoafrikaren gaineko galdera bat edo bi botatzen zizkidaten, eta, gero, beren aferekin jarraitzen zuten. Dama inperialista askok tea hartzera gonbidatzen ninduten, Zeelanda Berriko irakasleak eta Vancouverreko editoreak aurkezteko asmoz, eta hori zen denetan gauzarik etsigarriena. Hor nengoen ni, hogeita hamazazpi urterekin, sasoi onean, ondo pasatzeko diru nahikoarekin, eta, halere, egun osoan ahozabalka nenbilen. Alde egiteko eta Veldeko zelaietara itzultzeko erabakia ia hartuta neukan, Erresuma Batuko gizonik aspertuena nintzen eta. Arratsaldea inbertsioei buruz hitz egiten pasatu nuen artekariekin, batez ere neure burua entretenitu nahian, eta etxerako bidean, klub batera sartu nintzen; ez zen klub oso dotorea, eta kolonietako bazkideak ere onartzen zituen. Konbinatu bat hartu eta iluntzeko egunkariak irakurri nituen. Ekialde Hurbileko gatazken informazioz beteta zeuden, eta artikulu bat Karolides Greziako presidenteari buruzkoa zen. Gizonak jatorra zirudien, nire iritziz. Iturri guztien arabera, afera hartan garrantzi handiko gizon bakarra zen; eta, horrez gain, zintzo jokatzen zuen —eta ezin zitekeen besteei buruz horrenbeste esan—. Ulertu nuenez, Berlinen eta Vienan gorroto handia zioten; baina gu haren aldekoak ginen, eta horrela jarraitzeko asmoa geneukan. Egunkari baten iritziz, Karolides zen Europaren eta hondamendiaren artean zegoen babes bakarra. Gogoratzen dut pentsatu nuela herrialde horietan lana lortzerik ba ote zegoen. Bururatu zitzaidan Albania gizon bati aspertzeko astirik uzten ez dioten leku horietako bat izan zitekeela. Seiak aldera, etxera joan nintzen, arropak aldatu, Café Royalen afaldu eta, gero, antzoki batean sartu nintzen musika-emanaldi bat entzutera. Emanaldi ergela zen —emakumeek memeloarena egiten, gizonek tximino aurpegia zeukaten— eta ez nintzen luzaroan geratu. Gaua ederra eta argia zen eta oinez joan nintzen Portland Placetik hurbil alokatua nuen apartamentura. Nire inguruan jendetza zebilen espaloietan, giro bizian eta hizketan, eta inbidia nion egitekoren bat zuen jende horri. Dendari, bulegari, dandy eta polizia horiek interesen bat zeukaten bizitzan, eta interes horri esker eusten zioten bizitzari. Nik, aldiz, txanpon batzuk eman nizkion eskale bati, ahozabalka ikusi nuelako: nire sufrimendu bera pairatzen zuen. Oxford Circusen udaberriko zeruari begiratu, eta hauxe hitzeman nuen: beste egun bat emango nion arbasoen herrialdeari niri zerbait eskaintzeko; ezer gertatzen ez bazen, Esperantza Oneko lurmuturrera zihoan lehen itsasontzian alde egingo nuen. Langham Place atzean zegoen nire apartamentua. Eraikina berria zen eta apartamentua lehenengo solairuan zegoen. Eskailera komunala zuen, eta, atarian, atezaina eta igogailuzaina zeuden. Etxean mirabeak bizitzea gorroto dut eta, hortaz, egunez gizon bat etortzen zen nire gauzak txukuntzera. Goizero etortzen zen, zortziak baino lehen, eta, arratsaldeetan, zazpietan alde egiten zuen etxean inoiz afaltzen ez nuelako. Giltza etxeko atean sartu bezain laster konturatu nintzen gizon bat nuela alboan. Ez nuen gizona hurbiltzen ikusi, eta bat-batean agertu izanak ezustekoa eman zidan. Gizon argala zen, bizar gorri motzekoa, eta begiak txikiak, urdinak eta zorrotzak zeuzkan. Banekien azkeneko solairuan bizi zela, eta eskaileretan egun on esaten genion elkarri. —Zurekin hitz egin dezaket? —erregutu zidan—. Minutu batez sar naiteke? Ahotsa baretzeko ahaleginetan zebilen eta besoan atzaparka egiten zidan eskuarekin. Atea ireki eta sartzeko keinua egin nion. Atea igaro bezain azkar, atzeko gelaraino joan zen korrika: han egiten nuen erre eta gutunak idatzi. Jarraian, ziztu bizian itzuli zen niregana. —Atea giltzaz itxita al dago? —galdetu zidan urduri, eta katea berak lotu zuen. —Ikaragarri sentitzen dut —esan zidan apaltasunez—. Badakit atrebentzia handia dela, baina gizon ulerkorraren itxura duzu. Aste honetan, gauzak korapilatzen ari zirela, eta zuregan pentsatu dut. Aizu, mesede bat egingo al didazu? —Entzun egingo dizut —erantzun nion—. Hori baino ezin dizut agindu. Gizon urduri eta txiki horren portaera bitxiaz kezkatzen hasia nintzen. Edari-erretilu bat zegoen haren ondoan, mahai baten gainean, eta whiski eta soda edalontzi bat prestatu zuen. Hiru zurrutadatan edan, edalontzia erretiluaren gainean utzi, eta kristala kraskatu zuen. —Barkatu —esan zidan—. Urduri samar nago. Kontua da momentu honetan hilda nagoela. Besaulki batean eseri nintzen eta pipa piztu nuen. —Nolakoa da sentsazioa? —itaundu nion. Ziur samar nengoen ero batekin ari nintzela. Haren aurpegi nekatuan irribarre azkarra agertu zen. —Ez nago erotuta, oraindik ez. Hara, zuri begira egon naiz egun hauetan, eta uste dut ez zarela erraz urduritzen. Gizon zintzoa zara, ez zaitu arriskuak beldurtzen. Dena kontatuko dizut. Laguntza behar dut, beste inork sekula behar izan duena baino gehiago, jakin nahi dut eta lagunduko ote didazun. —Jarraitu istorioa kontatzen —esan nion—, eta erantzuna emango dizut. Bazirudien bere burua ahalegin handia egiteko prestatzen ari zela, eta jarraian oso astakeria bitxia hasi zitzaidan kontatzen. Hasieran ez nuen harrapatzen eta eten behar izaten nion galderak egiteko. Hona hemen mamia: Amerikarra zen, Kentuckykoa, eta unibertsitatean ikasi ondoren, dirua soberan zuenez, mundua ezagutzera irten zen. Denboraldi batean idazle aritu zen, Chicagoko egunkari baterako guda-berriemaile, eta urtebete edo bi eman zituen hego-ekialdeko Europan. Iruditu zitzaidan hizkuntzalari bikaina zela eta hango gizartea ondo ezagutzea lortu zuela. Egunkarietan ikusita nituen zenbait pertsonaz ondo ezagutuko balitu bezala hitz egin zidan. Politikagintzan parte hartu zuela kontatu zidan, hasieran berezko interesagatik eta, gero, ezin ziolako jakin-minari eutsi. Gizon zorrotza eta urduria iruditu zitzaidan, eta, ziur aski, arazoen muineraino beti iritsi nahi izaten zuen horietakoa. Nahi baino urrunago joana zen, ordea. Kontatu zidana nik ulertu bezain ondo azalduko dizuet. Aldaketa handiak gertatzen ari ziren pertsona oso arriskutsuek diseinatuta eta gobernu eta armada guztien bizkarrean. Hori kasualitatez jakin zuen. Jakin-minak liluratuta joan zen eta harrapatu egin zuten. Ulertu nuenez, gatazkaren barruan zeuden pertsona gehienak anarkista iraultzaileak ziren; baina, horiez gain, bazeuden diruagatik jokatzen ari ziren finantzariak ere. Gizon bizkor batek etekin handiak atera ditzake erortzen ari den merkatu batetik, eta bi talde horiei Europa hankaz gora jartzea komeni zitzaien. Kontatu zizkidan gauza bitxi batzuek lehendik harrituta utzi ninduten kontu asko azaltzen zituzten, Balkanetako Gerran gertatutako gauzak, alegia: nola estatu batek tupustean beste estatuak menderatu zituen; aliantzak zergatik egin eta desegin ziren; zergatik zenbait gizon desagertu ziren; gudaren funtsa nondik zetorren. Azpijoko osoaren helburua Errusia eta Alemania elkarren etsai bihurtzea zen. Horren arrazoia galdetu nionean, azaldu zidan anarkistek hala uste zutela, horrek emango ziela itxaroten ari ziren aukera. Den-dena nahaspila bihurtuko zen, eta espero zuten horretatik mundu berri bat ateratzea. Kapitalistek txanponak esku-beteka bildu eta, hondamendia erosita, dirutza egingo zuten. Kapitalak ez zuen, gizonak esan zuenez, ez kontzientziarik ez aberririk. Gainera, juduak zeuden gauza guztien atzean, eta juduek Errusia infernua baino gehiago gorroto zuten. —Eta horrek harritzen zaitu? —garrasi egin zuen—. Hirurehun urtean zehar jazarri egin dituzte, eta hau pogromen ordaina da. Juduak leku guztietan daude; baina topatu nahi baditugu, klandestinitatean sartu behar dugu. Pentsa dezagun edozein negozio alemaniar handitan. Harremanetan jartzen garenean, gure lehenengo kontaktua Von und zu zerbait printzea izango da, gizon gaztea eta dotorea, ingelesez ondo baino hobeto hitz egiten duena. Gizon horrek ez du eraginik, ordea. Gure afera handia baldin bada, atzealdera eramango gaituzte eta hor Westfaliako gizon bat aurkituko dugu, kokots handia, bekoki hondoratua eta txerri baten portaera dituena. Hori da Ingalaterrako egunkariak urduri jartzen dituen enpresario alemaniarra. Baina gure lana maila are handiagokoa baldin bada, eta benetako nagusiarekin tratatu behar badugu, litekeena da nagusia aurpegi zuriko judu txikia izatea, kriskitin-suge baten begiak dituena eta gurpil-aulki batean eserita dagoena. Bai, jauna, horixe da gaur egun mundua gobernatzen duena, eta Tsarren inperioan labana sartu nahi du, izeba bortxatu eta aita jipoitu zituztelako Volga ondoan dagoen herrixka triste batean. Gogorarazi behar izan nion nonbait judu-anarkistak atzera samar geratu zirela. —Bai eta ez —erantzun zidan—. Neurri batean haiek ere irabazi zuten; baina dirua baino handiagoa den gauza batekin egin zuten topo, erostezina den gauza batekin: gizakien borrokarako sena. Hil behar bagaituzte, bandera eta herrialde bat asmatzen ditugu horien alde borrokatzeko; eta, bizirik ateratzen bagara, berriz, horiek maitatzen jarraituko dugu. Soldadu txepel horiek zer maitatu aurkitu zuten, eta horrek Berlinen eta Vienan egindako plan fina oztopatu du. Baina nire lagunek oraindik ez dute azkeneko karta jokatu, ezta gutxiago ere. Amarrua dute mahukan gordeta, eta, nik hilabete honetan bizirik iraun ezean, erabili egingo dute, baita irabazi ere. —Baina uste nuen zu hilik zeundela —moztu nion. —Mors janua vitæ —esan zidan, irribarre eginez. Ezagutzen nuen aipu hori: latin askoz gehiagorik ez nekien—. Horretarako bidean nago; baina, abiatu baino lehen, gauza asko jakinarazi behar dizkizut. Egunkariak irakurtzen badituzu, jakingo duzu Constantine Karolides nor den. Tente jarri nintzen, arratsalde horretan bertan gizon horren gainean zerbait irakurria bainuen. —Horrek apurtu ditu haien azpijoko guztiak. Istorio honetan guztian buru argia duen bakarra da, eta, kasualitatez, gizon zintzoa ere bada. Horregatik, jomuga izan da azken urte honetan. Hori guztia jakin dut, eta jakitea ez da zaila izan, edozein kaikuk asmatuko zukeen eta. Baina nik nola harrapatuko duten jakin dut, eta jakintza horrek heriotza-arriskua dakar. Eta, horregatik, zendu egin behar izan dut. Beste trago bat hartu nahi zuen eta neuk prestatu nion, gizontxoa gero eta interesgarriagoa iruditzen baitzitzaidan. —Ezin dute bere herrialdean harrapatu, Epiroko bizkartzain errukigabea baitu. Hala eta guztiz ere, ekainaren hamabostean hiri honetara etorriko da. Kanpo Arazoetako Ministerio britainiarrak nazioarteko bilera informalak antolatzeari ekin dio eta data horretan egingo da bilerarik handiena. Karolides gonbidaturik garrantzitsuena da eta, nire lagunek nahi dutena lortzen badute, ez da inoiz miresten duten aberkideengana itzuliko. —Hori, behintzat, erraza da —ihardetsi nion—. Planen berri eman diezaiokezu, eta, horrela, ez da etxetik irtengo. —Eta haien jokoari mesede egin horrela? —galdetu zidan zorrotz—. Etortzen ez bada, haiek irabaziko dute, korapiloa aska dezakeen gizon bakarra da eta. Greziako Gobernuak jakingo balu, Karolides ez litzateke etorriko, berak ez dakielako ekainaren hamabostean zer egongo den jokoan. —Eta Gobernu britainiarra? —itaundu nion—. Ez dio inori gonbidatuak erailtzen utziko. Zerbait aipatzen badiozu, neurri bereziak hartuko ditu. —Ez litzateke nahikoa izango. Zuen hiria detektibe sekretuz bete lezake, baita polizia-agenteak bikoiztu ere; baina, hala ere, Constantine gizon kondenatua izango litzateke. Nire lagunak ez dira joko hau musu-truk jokatzen ari. Gertaera handi bat nahi dute beren planari hasiera emateko eta Europa osoa gertaera horri begira egon dadin. Karolides austriar batek erailko du, eta ebidentziek agerian utziko dute Berlingo eta Vienako handi-mandiak horrekin ados daudela. Dena gezur madarikatua izango da, noski, baina, munduaren begietan, kontu iluna izango da. Ez naiz tontakeriarik esaten ari. Infernuko azpijoko honen xehetasun guztiak jakin ditut, eta borgiarren ondoren, inork ez du inoiz hain joko maltzurrik eta finik aurrera eraman. Baina ez dute planik burutuko baldin eta aferaren gorabehera guztiak ezagutzen dituen gizon bat, ekainaren hamabostean bizirik eta hemen, Londresen, badago. Gizon hori ni nauzu, jauna: Franklin P. Scudder. Pixkanaka-pixkanaka gizon txiki hori atsegina gertatu zitzaidan. Ahoa animalientzako tranpa balitz bezala itxi zuen, eta begi sarkor horietan borrokarako grina antzematen zitzaion. Ipuin bat kontatzen ari bazen, oso ondo zekien antzezten. —Nola jakin duzu hori dena? —galdetu nion. —Lehenengo datuak Tirolen, Achensee aintziraren ondoan dagoen taberna batean jaso nituen. Horrek informazio gehiago biltzera bultzatu ninduen. Arrasto gehiago lortu nituen Budako galiziarren auzoan, Vienako bidaiari-elkarte batean eta Leipzigen, Racknitzstrassetik gertu dagoen liburu-denda txiki batean. Duela hamar egun, frogak erabat osatu nituen Parisen. Ezin dizkizut orain xehetasun guztiak kontatu, istorio luzea delako. Datuak erabat ziurtatu nituenean, iruditu zitzaidan desagertu egin behar nuela; hortaz, hiri honetara oso zirkuitu bitxi batetik etorri nintzen. Paristik, frantziar-amerikar dandy gazte alde egin nuen; Hanburgon, diamante-merkatari judu itsasoratu nintzen. Norvegian, Ibsen ikasten ari zen ingeles bat izan nintzen, eskoletarako informazioa eskuratzen ari zena; eta Bergenetik atera nintzenean, berriz, eskiatzeari buruzko filmak egiten zituen zuzendari bat. Leithetik hona, paper-orearen gaineko proposamenak ekarri nituen, Londresko egunkariei eskaintzeko. Atzo arte, nire bidea ondo ezkutatu nuela uste nuen, eta horrekin pozik nengoen. Eta gero… Bazirudien oroipenak asaldatu zuela, eta, zurrutada batean, whiski gehiago irentsi zuen. —Horren ondoren, eraikin honetatik kanpo, kalean, gizon bat ikusi nuen. Egun osoa neure gelan itxita igarotzen nuen, eta ilundu ondoren ateratzen nintzen ordu pare batez. Gizona nire leihotik zaintzen nuen, eta uste nuen ezagutzen nuela… Egun batean, eraikinean sartu zen, eta atezainarekin hitz egin zuen… Bart, ibilalditxoa egitetik itzuli naizenean, txartel bat aurkitu dut neure postontzian. Munduan gutxien ikusi nahi dudan gizonaren izena zeukan idatzita. Uste dut haren begiradak eta aurpegian zuen izuak behingoz eraman nindutela zintzo ari zela sinestera. Ahotsa zorroztu nuen pixka bat, horren ostean zer egin zuen galdetu nionean. —Konturatu nintzen sardina-lata batean bezain harrapatuta nengoela eta aterabide bat besterik ez zegoela. Hil behar nuen. Nire jazarleek hilda nengoela uste bazuten, berriro lasaituko ziren. —Eta hori nola lortzen da? —Nire gauzak zaintzen dituen gizonari gaizki sentitzen nintzela adierazi nion, eta oso gaixo dagoenaren plantak egin nituen. Ez zen zaila izan, mozorrotzeko trebetasun handia daukat eta. Segidan, gorpu bat eskuratu nuen (Londresen beti dago hilotz bat lortzea, nora jo jakinez gero). Kutxa batean sartu nuen, eta lau gurpileko gurdi baten gainean ekarri nuen. Gelara igotzeko, lagundu behar izan zidaten. Kontua da frogak metatu behar nituela ikerketarako. Oheratu nintzen, nire mirabeari eskatu nion lo egiteko botika bat prestatzeko eta alde egiteko gero. Medikuari deitu nahi zion, baina birao batzuk bota, eta esan nion medikuak ezin nituela begien aurrean ikusi. Bakarrik utzi ninduenean, gorpua mozorrotzen hasi nintzen. Nire tamainakoa zen, eta, itxura denez, alkoholak hildakoa, beraz, botila batzuk jarri nituen han eta hemen apartamentuan. Bion itxuraren arteko aldeen ahulgunea masailezurra zen, eta, horregatik, errebolber batekin suntsitu nion. Segur aski bihar norbaitek tiro bat entzun zuela zin egingo du, baina nire solairuan ez dago inor, eta, hortaz, pentsatu nuen arriskua har nezakeela. Gorpua ohe gainean utzi nuen, nire pijama jantzita. Errebolber bat haren ondoan, dena anabasa handian. Gero, larrialdietarako prest neukan traje bat jantzi nuen. Aztarnarik ez uzteko, ez nintzen bizarra egitera ausartu; kalera ateratzeak ez zuen zentzurik izango, dena den. Egun osoan izan zaitut buruan: iruditzen zitzaidan ez nuela besterik, zuregana hurbiltzea eta zure laguntza eskatzea. Leihotik begira egon naiz, etxera iristen ikusi zaitudan arte, eta, gero, eskaileretan arin jaitsi naiz zure bila… Hori duzu dena, jauna, eta orain afera honen gainean zuk nik bezainbeste dakizu. Hontz bat bezala geratu zen, begiak klisk eginez, urduritasunak jota; baina, aldi berean, betebeharra egiteko asmo handiarekin. Ordurako nahiko ziur nuen egia esaten ari zela. Oso kontakizun eroa zen; baina egiazkoak zirela frogatu nituen kontu sinesgaitz asko entzunda neuzkan, eta, erabakiak hartzeko, istorioari baino gizonari begiratzen nion. Nire apartamentuan sartu eta lepoa mozteko asmoa baldin bazuen, kontakizun arruntago bat kontatuko zidakeen. —Eman zure giltza —eskatu nion—, eta gorpuari begirada bat ematera joango naiz. Barkatu zuhurtasunez jokatzen badut, baina zure istorioa apur bat egiaztatu nahi nuke. Ezezkoa egin zidan buruarekin, triste. —Banekien eskatuko zenidala, baina ez daukat soinean. Mesanotxe gainean dago, nire katean. Hor utzi behar izan nuen: ezin nuen susmoak sor zitzakeen aztarnarik utzi. Segika dudan jendea oso argia da. Gaur, nire hitza onartu beharko duzu; bihar, gorpuari buruzko frogak izango dituzu, ez izan zalantzarik. Momentu batez hausnartzen gelditu nintzen. —Ondo da. Gaurkoz zutaz fidatuko naiz. Gela honetan giltzapetuko zaitut eta giltza gordeko dut. Gauza bat, Scudder jauna. Uste dut gizon zintzoa zarela; baina, horrela ez bada, jakin ezazu armekin ondo moldatzen naizela. —Jakina —esan zidan, eta arin zutitu zen—. Oraindik ez dakit zure izena zein den, baina utzi esaten zintzotasun handiz jokatzen ari zarela. Bizarra egiteko labana bat utziko didazu, mesedez? Logelara eraman, eta bakarrik utzi nuen. Ordu erdi geroago, ia ezagutzen ez nuen gizon bat itzuli zen. Begi sarkor haiek baino ez zituen antzekoak. Bizarra egina zuen, ilea erdian artesia eginda orraztuta, eta bekainak txukunduta. Gainera, armadan irakatsi zioten erara mugitzen zen; Indian luze egona zen ofizial britainiar baten eredua zen, gainera, azal beltzaran eta guzti. Monokulo bat ere bazuen, eta begian jarri zuen. Ahoskeran ez zitzaion batere igartzen amerikarra zenik. —Arraioa! Scudder jauna… —esan nion totelka. —Scudder jauna ez —zuzendu zidan—, Theophilus Digby kapitaina, Gurkhen 40. erregimentukoa: baimen-egun batzuk etxean ematen ari naiz. Jauna, ez ahaztu hori, mesedez. Egongelan prestatu nion ohea, eta nire ohera joan nintzen ni, aurreko hilabetean zehar baino alaiago. Gauzak gertatzen ziren noizean behin, baita Jainkoak ahaztutako metropoli honetan ere. Hurrengo goizean esnatu nintzenean, Paddock —nire zerbitzaria— izugarrizko iskanbila egiten ari zen egongelako ate ondoan. Paddocki bere garaian mesede bat egin nion Selakwen, eta Ingalaterrara iritsi bezain laster, mirabe hartu nuen. Hizketan, hipopotamo bat bezain trebea zen, eta ez zen oso zerbitzari ona; baina banekien haren leialtasuna apurtezina zela. —Ez zalapartarik atera, Paddock —oihu egin nion—. Nire lagun bat, zera, hau da… —ezin nuen izena gogoratu—, lotara geratu da. Prestatu biontzako gosaria eta etorri gero, zurekin hitz egin behar dut eta. Paddocki istorio eder bat kontatu nion: nire lagun hori oso garrantzitsua zela, eta, lanez gainezka ibilia zelako, urduritasunak jota zegoela, eta bakea eta atsedena behar zituela. Noski, inork ezin zuen jakin gurekin zegoenik; bestela, Indiako Ministerioak eta Lehen Ministroak bidalitako mezuz josiko gintuztela, eta lagunaren atsedena suntsitu. Aitortu behar dut gosaltzera etorri zenean Scudderrek oso ondo jokatu zuela. Paddocki monokuloz begiratu zion, ofizial britainiar baten moduan; Boerren Gerraz galdetu zion, eta niri alegiazko lagun batzuei buruzko berriak eman zizkidan. Paddock ez zen gai niri “jauna” deitzeko, baina Scudderri “jauna” esaten zion hil edo biziko kontua izango balitz bezala. Scudder egunkariekin eta zigarro kutxa batekin utzi nuen eta ni Cityra joan nintzen bazkaltzeko ordura arte. Itzuli nintzenean, igogailuzainak aurpegi larria zuen. —Kontu beltza izan dugu, ba, gaur hemen, jauna. 15. zenbakiko gizonak bere buruaz beste egin du arma batekin. Oraintxe bertan eraman dute ehorztetxera. Orain, polizia dago hor. 15. zenbakira igo nintzen, eta hantxe zeuden polizia pare bat eta inspektore bat azterketarekin lanpetuta. Galdera txoro batzuk egin nizkien eta berehala alde egiteko agindu zidaten. Segidan, Scudderren zerbitzariarekin egin nuen topo, eta hari ere galderak egin nizkion; baina argi zegoen ez zuela susmorik batere. Gizon kexatia zen, jainkojale aurpegia zuen, baina txanpon txiki batek kontsolatu zuen, neurri handi batean. Hurrengo egunean, heriotzaren ikerketara joan nintzen. Argitaletxe bateko bazkide batek froga garbiak eman zituen hildakoak paper-oreari buruzko proposamen batzuk ekarri zizkiola erakusteko, eta azaldu zuen enpresa amerikar baten ordezkaria zela, bere ustez. Epaimahaiak bere buruaz beste egin zuela ebatzi zuen, hildakoak burua nahasia zuela, eta haren gauzak —gutxi ziren— Estatu Batuetako kontsulari entregatu zizkioten. Scudderri aferaren xehetasun guztiak kontatu nizkion, horretan interes handia zuen eta. Esan zidan gustura egon izango zela ikerketan, nork bere eskela irakurtzea bezain morbosoa izango zelako. Atzeko gela hartan nirekin eman zituen bi egunetan oso lasai egon zen. Pixka bat irakurri zuen, erre ere bai. Gauza asko idatzi zituen liburuxka batean, eta gauero xakean jokatzen genuen: horretan, jipoitu egiten ninduen. Uste dut haren urduritasuna gutxitzen ari zela, aurreko egoera estu samarra izan zen eta. Hala eta guztiz ere, hirugarren egunean argi zegoen egonezina itzultzen ari zitzaiola. Ekainaren hamabostera arteko egunekin zerrenda prestatu zuen. Arkatz gorri batekin egun bakoitza seinalatu zuen eta oharrak gehitu zituen takigrafiaz. Hausnarketa sakonean aurkitzen nuen, begi zorrotzak urrunera begira eta, meditazio horien ondoren, lur jota geratzen zen. Egun hartan ikusi nuen urduri jartzen ari zela berriro. Zarata txikiei adi egoten zen, eta Paddock fidatzeko modukoa ote zen behin eta berriro galdetzen zidan. Aldarte txarrez jarri zen pare bat aldiz eta gero barkamena eskatu zidan. Ez nuen gaizki hartu. Ez nion asko eskatzen, lan zail samarra hartua zuelako bere gain. Ez zuen bere segurtasunak kezkatzen, prestatuta zeukan planak baizik, arrakastatsu izango ote zen. Gizon txikia bai baina sendoa zen, une bigunik gabekoa. Gau batean, oso serio jarri zen. —Entzun, Hannay —esan zidan—. Uste dut afera hau sakonago azaldu behar dizudala. Ezingo nuke eraman ni desagertzea, borrokan jarraitzeko prest legokeen beste inor atzean utzi gabe. Eta ordura arte era lausoan baino kontatu ez zizkidan xehetasunak azaldu zituen. Ez nion arreta handirik eman. Egia esan, nazioarteko politika-kontuak baino gehiago interesatzen zitzaizkidan gizon haren abenturak. Uste nuen Karolidesen eta gizon horren arteko aferak ez zirela nire egitekoa. Horiek Scudderren kontuak ziren, eta berari utzi nizkion. Horrela, bada, kontatu zizkidan gauza asko ez zitzaizkidan buruan geratu. Gogoratzen dut azaldu zidala Karolides Londresera iritsitakoan hasiko zela arriskuan egoten, eta arriskua goiko mailetatik etorriko zela: inork susmagarritzat hartuko ez zituen goi-mailetatik. Emakume baten izena aipatu zuen: Julia Czecheny, hark egoerarekin zerikusia baitzuen. Ulertu nuen Karolides bizkartzainen babesetik ateratzeko amua izango zela. Harri Beltz bati buruz hitz egin zidan, baita zizi-zaza mintzo zen gizon bati buruz ere. Horrez gain, beste gizon baten deskribapen zehatza egin zidan: zaharra zen arren, ahots gaztea zuen, eta begiak belatz batek bezala ezkuta zitzakeen. Gizon hori aipatzen zuen bakoitzean, dar-dar egiten zuen Scudderrek. Heriotzaren gainean ere asko hitz egin zidan. Scudderrentzat, lana betetzea hil edo biziko kontua zen, baina bere bizitza ez zitzaion axola. —Nik uste, oso nekatuta gaudenean lokartzearen modukoa dela heriotza, eta, esnatzen garenean, udako egun ederra ikusiko dugu, belar-usaina leihotik sartzen delarik. Blue-Grass eskualdean nengoela, Jainkoari eskerrak ematen nizkion halako goizengatik, eta, ziur aski, hil ondoren ere eskertuko diot. Hurrengo egunean, askoz alaiago zegoen, eta ordu asko eman zituen Stonewall Jacksonen biografia irakurtzen. Etxetik atera nintzen meatze-ingeniari batekin afaltzera eta negozioei buruz hitz egitera. Hamar eta erdiak aldera etxeratu nintzen, gure xake-jokoa egiteko garaiz oheratu baino lehen. Gogoratzen dut zigarro bat ahoan nuela ireki nuela egongelako atea. Argiak itzalita zeuden, eta hori arraroa iruditu zitzaidan. Pentsatu nuen beharbada Scudder ohean zegoela dagoeneko. Etengailua sakatu nuen, baina han ez zegoen inor. Hurrena, urruneneko bazterrean ikusi nuenak zigarroa lurrera botarazi zidan eta izerdi hotzean utzi ninduen. Nire gonbidatua lurrean etzanda zegoen, ahoz gora eta hankak zabalik. Bihotzean sartuta, labana luzea zeukan; eta gorputza alderik alde igarota, zoruari lotzen zion. 2 - Esneketariak bidaiatzeari ekiten dio Besaulki batean eseri nintzen, erabat zorabiatuta bainengoen. Horrek bost bat minutu iraun zuen eta, gero, izutu egin nintzen. Ezin nuen niri begira zegoen aurpegi zuri hura jasan; mahai-zapi bat hartu, eta gorpua estali nuen. Gero, armairu batera balantzaka hurbildu nintzen, brandya atera eta zurrutada handi batzuk egin nituen. Heriotza bortitzak ikusiak nituen, nik ere hainbat gizon hil nituen Matabeleko Gerran. Baina pertsona bat bere gelan horrela hiltzea, odol hotzean, hori ezberdina zen. Nire onera itzultzea lortu nuen. Ordulariari begiratu nion, hamar eta erdiak ziren. Susmo batek harrapatu ninduen eta etxea arreta handiz miatu nuen. Ez zegoen inor, ezta inoren aztarnarik ere; baina dardaraka nengoen, eta leiho guztiei morroiloak jarri nizkien, baita ateari katea ere. Ordurako, pentsatzeko gai nintzen berriro. Gauzak ulertzeko ordubete behar izan nuen gutxi gorabehera. Ez nintzen azkar pentsatzen saiatu: hiltzailea itzuli ezean, pentsatzeko astia izango nuen, goizeko seiak arte edo. Egoera larrian nengoen, hori nahiko argi zegoen. Scudderren istorioari buruzko zalantzarik banu, gertatu zenak ezabatu zidan. Mahai-zapiaren azpian zegoen froga. Etsaiek aurkitu egin zuten, baita haren isiltasuna modurik eraginkorrenean bermatu ere. Haatik, Scudderrek lau egun igaro zituen nire apartamentuan, eta etsaiek pentsatuko zuten niri sekretuak kontatu zizkidala. Hortaz, hurrengoa ni izango nintzen. Gau horretan bertan izan zitekeen, edo hurrengo egunean, edo bi egun geroago; baina orain iritsia zen nire txanda. Halako batean, beste zerbaitez konturatu nintzen. Kalera aterako banintz, poliziari deituko banio, edo oheratu eta Paddockek gorpua aurkituko balu, zer kontatuko nieke Scudderren gainean? Paddocki gezurrak esan nizkion eta aferak oso itxura susmagarria zuen. Poliziari egia aitortu eta Scudderrek kontatutako guztia azalduz gero, barre egingo zidaten, besterik ez. Litekeena zen ni atxilotzea, hilketa leporatuta, eta bazeuden ni urkatzeko behar beste zeharkako froga. Ingalaterran, jende gutxik ezagutzen ninduen, eta ez nuen benetako lagunik ni nolakoa nintzen zinpean deklaratzeko. Beharbada, etsai sekretu horien jokoa hori zen. Nahikoa argiak ziren edozein gauza egiteko, eta Ingalaterrako kartzela bat labana bularrean sartzea bezain eraginkorra zen ekainaren hamabosta baino lehen ni gainetik kentzeko. Gainera, istorio guztia kontatuz gero —eta, mirariz, inork sinetsiko balit—, haien jokoari mesede egingo nioke. Karolides etxean geratuko zen eta horixe nahi zuten haiek. Scudder hilaren aurpegia ikusteak haren planaren jarraitzaile amorratu bihurtu ninduen, nolabait. Scudder zendua zen, baina nigan fidatu zen, eta sentitzen nuen haren lanarekin jarraitu beharra neukala. Beharbada, bizitza arriskuan zuen gizon batek horrela pentsatzea zentzugabe irudituko zaizue, baina nik horrela ikusten nuen. Pertsona arrunt samarra naiz, ez naiz besteak baino ausartagoa; baina ez dut gustuko gizon zintzo bat porrot egiten ikustea, eta, haren ordez jokoan parte hartzea lortzen banuen, labana luze hori ez zen Scudderren amaiera izango. Hori guztia pentsatzeko ordubete edo bi behar izan nituen eta, ordurako, erabaki bat hartuta neukan. Nolabait desagertu egin behar nuen eta ezkutuan jarraitu ekainaren bigarren astera arte. Gero, Gobernuko jendearekin harremanetan jartzeko modu bat aurkitu beharko nuen, Scudderrek kontatu zidanaren berri emateko. Amorru ematen zidan Scudderrek niri gehiago kontatu ez izanak, baita nik arreta handiagorik eman ez izanak ere. Datu sinpleenak baino ez nekizkien eta litekeena zen, nahiz eta beste arrisku guztietatik bizirik atera, azkenean nire istorioa inork ez sinestea. Arrisku hori ere onartu behar nuen eta Gobernukoei nire istorioa baieztatuko zien zerbait gertatuko zelako itxaropenari eutsi nion. Hurrengo hiru asteetan bizirik jarraitzea, hori nuen aurreneko lana. Maiatzaren hogeita laua zen eta, horrenbestez, hogei egunez ezkutatu beharko nuen, boteredunengana hurbiltzera ausartu baino lehen. Uste nuen bi jende-mota ibiliko zirela nire bila: Scudderren etsaiak, ni akabatzeko, eta polizia, Scudderren heriotzagatik atxilotzeko. Ehiza nahasia izango zen eta, nahiz eta bitxia izan, ideia horrek lasaitzen ninduen. Hainbeste denbora ezer egin gabe igaro ondoren, ia edozein ekintza hartzen nuen ontzat. Gorpuaren ondoan eserita, bakarrik, eta niri zer gertatuko zain nengoela, zizare zapaldu bat baino ez nintzen. Baina, bizitza nire adimenaren mende baldin bazegoen, prest nengoen hori aldarte baikorrez onartzeko. Une hartan bururatu zitzaidan: Scudderrek paper batzuk izango zituela beharbada, nik afera hobeto ulertu ahal izateko. Mahai-zapia kendu nion eta sakelak miatu nizkion. Ordurako gorpuak ez zidan beldurrik sortzen. Bat-batean eraildako gizona zen arren, oso itxura lasaia zuen. Bularraldeko sakelan ez zegoen ezer, eta txalekoan, txanpon batzuk eta zigarreta-euskarria baino ez. Praketan, labana txiki bat zuen sakeletako batean, eta txanpon batzuk, berriz, bestean. Jakaren alboko sakelan, krokodilo-larruz eginiko zigarreta-kutxa. Ordea, ez nuen gauzak idazteko zerabilen liburuxka beltza aurkitu. Hiltzaileak eraman zuen, zalantzarik gabe. Begirada altxatu nuenean, tiradera batzuk idazmahaitik aterata zeudela ikusi nuen. Scudderrek ez zituen horrela utziko, munduko gizakirik txukunena zen eta. Argi zegoen norbait zerbaiten bila ibilia zela; agian, liburuxkaren bila. Apartamentuan zehar ibili nintzen eta dena hankaz gora jarrita zegoela konturatu nintzen: liburuen barrualdeak, tiraderak, armairuak, kutxak, baita armairu barruko arroparen sakelak eta jangelan zegoen ontzitegia ere. Baina liburuxkaren aztarnarik ez. Ziur asko, etsaiek hartu zuten; baina ez zuten Scudderren gorpuan aurkitu. Segidan, atlas bat atera nuen eta Uharte Britainiarren mapa handi bati begiratu nion. Eskualde basati batera joatea bururatu zitzaidan. Han, Veldeko zelaietan ikasi nuena erabilgarri izango zitzaidan; bestela, hiri batean harrapatuta dagoen arratoia izango nintzen. Eskozia aukerarik onena iruditu zitzaidan nire familia eskoziarra zelako eta edonon eskoziar arruntzat hartuko nindutelako. Bururatu zitzaidan turista alemaniar gisa mozorrotzea, aitak bazkide alemaniarrak eduki baitzituen eta, txikitan, ondo samar ikasi bainuen alemana. Horrez gain, hiru urte eman nituen Damaralanden kobre bila. Baina eskoziarra izatea ez zen horren deigarria izango, eta poliziak niri buruz zekienarekin zerikusi txikiagoa zuen. Erabaki nuen Gallowayra joatea zela onena. Eskoziako eremu basatien artean hura zen hurbilena, ondorioztatu nuenez, eta, mapa ikusita, jende asko ere ez zen bizi. “Bradshaw” gidan ordutegia kontsultatu ondoren, ikusi nuen St Pancras geltokitik 7:10ean tren bat ateratzen zela, eta tren hori hartuta, Gallowayko edozein geltokitan egon nintekeela arratsalde amaierarako. Hori ondo zegoen, baina hori baino garrantzitsuagoa zen St Pancrasera nola iritsi asmatzea, Scudderren lagunak eraikinaren kanpoaldean egongo zirela ziur samar nengoen eta. Horrek kezkatu ninduen une batez. Baina bat-batean inspirazioa etorri zitzaidan eta, horrela, oheratu egin nintzen; bi ordu hala moduz lo egitea lortu nuen. Lauretan jaiki eta logelako leiho-ateak ireki nituen. Udaldiko goiz eder baten argi fina hasia zen zabaltzen eta txolarreak txorrotxioka ari ziren. Zalantza izugarri batek hartu ninduen, memelo hutsa sentitu nintzen: zergatik ez nuen dena bertan behera uzten eta ez nintzen fidatzen polizia britainiarrak nire kasua behar bezala aztertuko zuela. Hala eta guztiz ere, egoera berrikusi ondoren, ez nuen aurreko gauean hartutako erabakiaren aurkako argudiorik aurkitu eta, horrenbestez, aldarte garratz batekin, planarekin jarraitzea erabaki nuen. Ez nengoen oso izututa, baina, nolabait esateko, arazoak erakartzeko ere ez nuen gogorik. Tweedezko traje zahar bat jantzi nuen, bota sendo batzuk, zoletan iltzeak zituztenak, eta flanelazko alkandora lepokoduna. Sakelan beste alkandora bat sartu nuen, oihalezko txano bat, musuzapi batzuk eta hortzetako eskuila bat. Bi egun lehenago banketxetik urre-kantitate handia atera nuen, apika Scudderrek dirua beharko zuelako. Horrela, berrogeita hamar libra hartu nituen, eta Rhodesiatik ekarri nuen gerriko batean sartu. Ez nuen hori baino gehiago behar. Gero, bainatu eta bibotea moztu nuen. Luzea zen eta motza utzi nuen. Ondoren, hurrengo pausoa. Paddock zazpi eta erdietan puntual iritsi ohi zen, eta atea giltza batekin irekitzen zuen. Banekien —esperientzia txar baten ondorioz— zazpiak hogei gutxi aldera esneketaria iristen zela, zarata handia ateratzen zuen ontziekin eta atearen ondoan uzten zidan botila. Batzuetan, goiz altxatu eta paseo bat ematera nindoanean, esneketariarekin topo egiten nuen. Gaztea zen, nire garaierakoa, gutxi gorabehera, bibote txikia zuen eta mantal zuria janzten zuen. Nire itxaropen guztia harengan jarrita zegoen. Sartu nintzen egongela ilunean. Goizeko argi-izpiak leiho-ateetatik sartzen ari ziren pixkanaka-pixkanaka. Armairutik atera nituen whiskia, soda eta galleta batzuk eta gosaria hartu nuen. Ordurako, ia seiak ziren. Pipa sakelan sartu eta tabako-poltsa bete nuen sutondoan zegoen ontzi batetik. Hatzak tabakoan sartu ahala, gauza gogor batekin egin nuen topo: Scudderren liburuxka beltza atera nuen… Seinale ona iruditu zitzaidan. Gorpua estaltzen zuen mahai-zapia baztertu nuen eta hildakoaren aurpegi duin baketsuak harritu ninduen. —Agur, lagun —esan nion—. Ahal dudana egingo dut zure partez. Zortea opa iezadazu, zauden lekuan zaudela. Gero, atarira joan nintzen eta esneketariaren zain geratu nintzen han. Hori izan zen okerrena, etxetik lehenbailehen ateratzeko irrikaz nengoen eta. Sei eta erdiak, zazpiak hogei gutxi… ez zen iristen, ordea. Urteko egun guztien artean, kaiku hark egun hura aukeratu behar berandu iristeko! Zazpiak hamalau gutxitan ontzien zarata entzun nuen kanpoan. Atea ireki nuen, eta han zegoen gizona, nire ontziak ateratzen eta hortz artean txistu egiten. Ezustekoa jaso zuen ni ikusi ninduenean. —Sartu pixka batean —esan nion—. Zurekin hitz egin nahi dut. Eta jangelara eraman nuen. —Nik uste joko-gizona ere pixka bat bazarela zu —xuxurlatu nion—, eta mesede bat eskatu nahi dizut. Txanoa eta mantala hamar minutuz niri utzi, mesedez, eta hona hemen libra bat eragozpenen truke. Urrea ikustean begiak ireki zituen eta irribarre zabala atera zitzaion. —Nondik nora, ba? —galdetu zidan. —Apustua egin dut —esan nion—. Ez dut dena azaltzeko astirik, baina apustua irabazteko, esneketaria izan behar dut hamar minutuz. Zuk egin behar duzun guztia da ni itzuli arte hemen geratzea, besterik ez. Beranduxko joaten bazara, ez da inor kexatuko, eta libra hau zurea izango da. —Ederki! Ez naiz ni izango apustu bat zapuztuko duen gizona. Hartu arropa, jauna. Azkar jantzi nituen txano urdin laua eta mantal zuria, ontziak hartu eta txistuka jaisten hasi nintzen eskailerak. Atezainak isiltzeko agindu zidan. Antza, nire mozorroak bere betebeharra ondo betetzen zuen. Hasieran uste nuen kalean ez zebilela inor. Orduan, ehun metrora, polizia bat ikusi nuen eta, haren parean, eskale bat zebilen arrastaka. Bihozkada batek bultzatu ninduen begirada ondoko etxera zuzentzera, eta lehenengo solairuan aurpegi bat ikusi nuen. Eskalea azpitik igaro zenean, gora begiratu zuen, eta iruditu zitzaidan seinale bat egin ziotela elkarri. Kalea gurutzatu nuen, alai, txistuka eta esneketariaren ibilera baikorra imitatuz. Lehenengo kalean sartu, ezkerretara biratu eta orube baten ondotik igaro nintzen. Ez zegoen inor kale txiki hartan eta, beraz, esne-ontziak han utzi nituen, txanoa orube hartara bota nuen eta mantala ere bai. Nire oihalezko txanoa dagoeneko jantzia neraman postari bat sartu zenean kalean. Agurtu nuen eta susmorik gabe erantzun zidan. Une horretan, gertu zegoen eliza baten erlojuak zazpiak jo zituen. Ezin nuen segundo bat ere galdu. Euston kalera iritsi bezain laster, korrika hasi nintzen. Euston geltokiaren erlojuaren arabera, zazpiak eta bost ziren. St Pancras geltokian ez nuen txartela erosteko astirik eta, gainera, artean ez nuen helmuga erabakita. Maletazain batek nasa zein zen adierazi zidan eta, nasara iritsi nintzenean, trena abian zela ikusi nuen. Geltokiko bi ofizialek bidea oztopatu zidaten, baina saihestu eta azken bagoira igo nintzen. Hiru minutu geroago, Londres iparraldeko tuneletan bizkor eta zaratatsu gindoazela, guardia haserre batek hitz egin zidan. Newton-Stewarterako txartel bat saldu zidan —herri horren izena etorri zitzaidan bat-batean gogora—, eta lehen klaseko konpartimentu hartatik hirugarren klaseko batera eraman ninduen. Marinel bat eta ume batekin zihoan emakume gizen bat zeuden han. Guardia marmarka aldendu zen eta, bekokia lehortu ondoren, nire ahoskera eskoziarrik biziena erabiliz bidaia-lagunei esan nien noski ez zela lantegi ederra gaur egun trenak hartzea. Erabat sartuta nengoen neure paperean. —Esango nuke nik ere, zaindari horren kopeta! —esan zuen emakumeak haserre—. Eskoziar bat behar zen haren lekua zein den gogorarazteko. Kexatu da haurrak txartelik ez duelako, abuztuan egingo ditu eta bi urte!. eta gizon honek tu egitea ere gaizki iruditu ez zaio ba. Marinelak baieztatu egin zuen petral, eta, horrela, bizitza berriari ekin nion autoritateen aurkako gaitzespen-giroan. Gogora etorri zitzaidan astebete lehenago mundua aspergarria iruditzen zitzaidala. 3 - Tabernari literarioaren abentura Iparralderako bidaia gauza serioa izan zen. Maiatzeko eguraldia ederra zen, elorri zuria loretan zegoen landare hesi guztietan, eta ez nuen ulertzen zergatik, lehenago libre nintzenean, Londresen geratu nintzen mendialde eder hauetara atera ordez. Ez nintzen ausartzen kafetegi-bagoira joaten; baina Leedsen saski bat bazkari erosi eta emakume gizenarekin partekatu nuen. Goizeko egunkariak ere eskuratu nituen. Hainbat gairen gaineko albisteak zeuden: zaldi-lasterketak; cricket denboraldiaren hasiera; eta paragrafo batzuek zioten Balkanetan gauzak lasaitzen ari zirela; eta gerraontzi-eskuadra britainiar bat Kielera zihoala. Albisteak irakurri ondoren, Scudderren liburuxka beltza atera, eta aztertu egin nuen. Oharrez beteta zegoen, zifraz batez ere, baina izen batzuk ere bazeuden. Esaterako, “Hofgaard”, “Luneville” eta “Avocado” hitzak askotan aurkitu nituen, eta, batez ere, “Pavia”. Banekien Scudderrek ez zuela inoiz ezer egiten arrazoirik gabe eta ziur samar nengoen liburuxka kodetuta zegoela. Gai hori betidanik interesatu zait, eta, Boerren Gerran espioi ofizial nintzela, Delagoa badian, horretan aritu nintzen denboraldi batez. Xake-jokoan eta buru-hausgarrietan trebea naiz eta uste nuen kodeak asmatzen ere trebea nintzela. Kode horrek zenbakizkoa zirudien eta zifra-multzo bakoitza alfabetoko hizki bati zegokion. Buru pixka bat duen edonork kode horien gakoa aurkituko luke, ordubetez edo biz jorratu ostean. Dena den, ez nuen uste Scudderrek horren kode errazik erabiliko zukeenik. Horregatik, hitzetan kontzentratu nintzen. Zenbakizko kode on samarra egin daiteke, hizkien segida ematen digun hitz-gakoa lortuz gero. Orduak eman nituen horretan, baina ezin izan nuen hitz baliagarririk asmatu. Gero, loak hartu ninduen eta Dumfriesen esnatu nintzen justu garaiz trenetik azkar atera eta Galloway gurutzatzen zuen tren motelean garaiz sartzeko. Nasako gizon baten itxura ez zitzaidan batere gustatu, baina ez zidan ezta begiratu ere egin eta, neure burua makina automatiko bateko ispiluan ikusi nuenean, ez nintzen harritu. Aurpegi beltzaranarekin, tweedezko arropa zaharra jantzita eta ibilera erdi-makurrarekin, hirugarren klaseko bagoiak betetzen zituzten baserritarren itxura peto-petoa nuen. Baserritar haietako dozena-erdiren batekin ekin nion bidaiari, tabako merkez eta buztinezko pipaz inguratuta. Asteroko azokatik zetozen eta salneurrien gainean baino ez zuten hitz egiten. Ardien erditzeei buruzko berriak entzun nituen, Cairne, Deuche eta beste dozena bat ibar txikiri zegozkienak. Askok bapo bazkaldu zuten, whiski-usain handia zerien eta ez zidaten kasu handirik egin. Pixkanaka eta burrunbaka haran txikiz eta basoz osatutako eskualde bat gurutzatu genuen. Gero, zuhaitzik gabeko landa zabalean sartu ginen; aintzira txiki distiratsuz zipriztinduta zegoen. Iparraldera begiratuta, mendi handi urdinak ikusten ziren. Bostak aldera, bagoia hustu zen, eta, espero nuen moduan, bakarrik geratu nintzen. Hurrengo geltokian jaitsi nintzen, lokazti baten erdi-erdian. Ez nion herrixkaren izenari erreparatu. Karrooko geltoki txiki eta ahaztuak ekarri zizkidan gogora. Geltokiko arduradun zaharra baratzean ari zen aitzurrean. Pala sorbalda gainean hartu, treneraino motel gerturatu, fardel bat hartu eta patatetara itzuli zen. Hamar urteko ume batek nire txartela hartu zuen eta landa marroia sigi-saga gurutzatzen zuen errepide zurira atera nintzen. Udaberriko iluntze izugarri ederra zen eta muino guztiak amatista landuak bezain argi ikusten ziren. Airean, lokaztien usain bitxi sustraitsua sumatzen zen, baina giroa ozeanoaren erdialdekoa bezain arina zen, eta horrek oso eragin berezia zuen nire aldartean. Izan ere, alai eta lasai sentitzen nintzen. Polizia atzetik zeukan hogeita hamazazpi urteko gizona baino errazago izan nintekeen udalekuetara zihoan mutikoa. Veld garaietan izotz zuriz estalitako goizetan ibilbide luze bat egitera nindoanean bezala sentitzen nintzen. Beharbada ez didazue sinetsiko, baina txistuka hasi nintzen errepide horretan aurrera nenbilela. Ez neukan kanpatzeko edo gelditzeko asmorik, usain atsegineko landa muinodun eta zoriontsu hartan aurrera joan besterik ez nuen nahi. Zenbat eta kilometro gehiago egin, orduan eta hobeto sentitzen nintzen. Errepide ondoan zegoen hurritz bati adar bat moztu eta makila bat egin nuen. Geroxeago, errepidetik atera eta erreka arin baten pareko bide batean sartu nintzen. Iruditzen zitzaidan edozein jazarpenetatik oso urrun nengoela eta gaua horrekin goza nezakeela. Aspaldi jan gabe nengoen, eta oso gose nintzen, bazter batean, ur-jauzi baten ondoan zegoen artzain baten etxolara iritsi nintzelarik. Aurpegi beltzaraneko emakume bat zegoen atari ondoan eta landako jendearen portaera lotsati atseginaz agurtu ninduen. Gaua han pasatzerik al nuen galdetu nionean, ganbarako ohea erabil nezakeela erantzun zidan eta handik oso gutxira afari handi bat eskaini zidan: urdaiazpikoa, arrautzak, opilak eta esne kondentsatu lodia. Iluntzean, senarra itzuli zen menditik. Erraldoia zen eta oso argala, haren oinkada bat gizaki arrunton hiru oinkada adinakoa zen. Ez zidaten ezer galdetu, mendialdeko herri horietan jaiotako biztanle guztien jokabide zuzena baitzuten. Hala ere, argi zegoen tratularitzat hartu nindutela eta ahalegindu nintzen burutazio hori indartzen. Azienden gainean asko hitz egin nuen: horri buruz gutxi baitzekien nire anfitrioiak eta Gallowayko azokari buruzko gauza asko ikasi nituen. Memorian gorde nituen, beharbada aurrerago erabiltzeko. Hamarrak helduta, aulkian eserita lo geratzen ari nintzen eta ganbarako oheak oso gizon nekatua hartu zuen. Ez nuen goizeko bostak arte batere begirik ireki, ordu hartan hasten baitzen etxalde txiki hura martxan. Edozein ordainketa jasotzeari uko egin zioten eta seietarako, gosalduta eta oinkada luzez, hegoalderako bideari ekin nion berriro. Nire ideia trenbidera itzultzea zen, aurreko egunean baino geltoki bat edo bi urrunago jaitsiko nintzen, eta, hurrengo egunean, atzera egingo nuen. Uste nuen horixe zela planik ziurrena. Seguru asko, poliziak Londresetik urruntzen ari nintzela pentsatuko zuen, mendebaldeko porturen baterantz. Abantaila txiki bat nuelakoan nengoen. Ziurrenik, ordu batzuk behar izango zituzten hilketaren errua niri egozteko, eta beste hainbat, St Pancras geltokian trena hartu zuen gizona identifikatzeko. Eguraldia aurreko egunaren berdina zen: udaberrikoa, garbia, alaia. Ezin nuen neure burua kezkatuta imajinatu. Izan ere, aurreko lau hilabeteetan baino aldarte hobea nuen. Landako gailur luze baterako bidea hartu nuen, muino garai bat —artzainak Cairnsmore of Fleet deitu zuena— alde batera utzita. Habiak egiten ari ziren txirritxoak eta kurlintak txilioka, eta, erreken ondoko larre berdeetan, bildotsak zebiltzan. Joaneko hilabeteen mugimendu-falta hezurretatik joaten ari zitzaidan eta lau urteko mutiko baten gisa nenbilen. Segidan, erreka txiki batera iritsi nintzen, eta, kilometro bat eta erdi aurrerago, txilarren artetik gora, tren baten kea ikusi nuen. Iritsi nintzenean, ikusi nuen geltokia nire planetarako ezin hobea zela. Mortuak inguratzen zuen, eta ez zuen askorako espazioa uzten: errei bakarra, bazterbidea, itxarongela, bulegoa, geltokiko arduradunaren etxe txikia eta lorategi oso txiki bat, andere-mahatsekin eta krabelinekin. Bazirudien ez zegoela hara eramaten zuen inongo errepiderik, eta, bakardadea gehiago areagotzeko, aintzira baten olatuek granito grisezko hondartza laztantzen zuten kilometro-erdira. Txilar trinkoen artean itxaron nuen, zeruertzean ekialdera zihoan tren baten kea ikusi arte. Orduan, txartel-bulego txikira hurbildu eta Dumfrieserako txartel bat erosi nuen. Bagoiko bidaiari bakarrak artzain zahar bat eta haren txakurra ziren. Txakurrak begi hotzak zituen eta ez nintzen harekin fidatzen. Gizona lotan zegoen eta bere ondoko kuxinen gainean ikusi nuen goiz hartako Scotsman egunkaria. Grinatsu heldu nion, informazio baliagarria emango zidala uste bainuen. Portland Placeko Hilketaren —horrela deitzen zioten— gaineko bi zutabe zeuden. Paddock zerbitzariak poliziari deitu zion, eta horiek esneketaria atxilotu zuten. Gizagaixoa: libra hura garesti atera zitzaion. Baina niretzat merkea izan zen. Antza denez, poliziak ia egun osoa igaro zuen horretan. Azken albisteetan istorioaren jarraipena aurkitu nuen. Esneketaria askatu zutela irakurri nuen eta, poliziaren ustez, benetako hiltzaileak —ez zuen haren identitatea azaleratu nahi— Londresetik iparraldera trenez egin zuen ihes. Niri buruzko ohar bat ere bazegoen, pisuko jabea nintzelako. Pentsatu nuen ohar hori poliziak jarri zuela, susmagarria ez nintzela sinetsarazteko saiakera traketsa. Egunkarian ez zegoen albiste interesgarri gehiagorik, ez nazioarteko politikaren gainean, ez Karolidesen gainean, ezta Scudder kezkatzen zuten gaien gainean ere. Utzi egin nuen, eta orduan jabetu nintzen hurbiltzen ari ginela aurreko egunean trenetik atera nintzen geltokira. Patatak lantzen zituen geltokiko arduradunak zeregin txiki bat zuen eskuartean. Mendebalderako trenaren zain zegoen, guri aurrera egiten uzteko. Tren hartatik hiru gizon jaitsi ziren, arduradunari galdera batzuk egitera. Uste izan nuen bertako polizia zela, Scotland Yardek zirikatuta, eta geltoki txiki-txiki horretaraino nire arrastoaren bila etorri zirela. Atzerantz eseri nintzen, itzalak babestuta, eta kontu handiz begiratu nien. Batek liburuxka bat zuen eta oharrak egiten ari zen. Antza denez, patatazale zaharra haserre zegoen, baina nire txartela hartu zuen mutilak ez zirudien kezkaturik eta gogoz hitz egiten ari zen. Guztiak landari begira zeuden, errepide zuriaren norabidean. Espero nuen nire arrastoari harantz jarraitzea. Geltokitik urrundu ahala, bagoi-kidea esnatu zen. Begirada galdu batekin so egin zidan, zakurrari ostiko bortitza eman zion, eta non zegoen galdetu zidan. Argi zegoen oso mozkortuta zegoela. —Hauxe duk abstemio izatearen ondorioa —esan zuen minduta eta damututa. Esan nion ez nuela hain zuzen abstemio amorratutzat jo. —Ene!, abstemio handia egina nagok ba —erantzun zidan oldarkor—. San Martin egunean erabakia hartu, eta geroztik ez diat whiski-tantarik ere probatu. Ezta Urtezaharretan ere, eta tentazioa handia zela ez diat ukatuko. Orpoak aulki gainean jarri zituen eta buru narrasa kuxinetan murgildu zuen. —Ezer edan gabe, hola nebilek —kexatu zen—. Burua infernua baino beroago diat, eta begiak egutegian, igandea noiz iritsiko. —Zer hartu duk? —galdetu nion. —Brandy izeneko edari bat. Abstemioa naizenez, ez nioan whiskiari usainik ere hartu nahi, baina egun osoan brandy horri hurrupaka jardun diat; hamabost egun hauetan ez nauk ederki ibiliko, ez diat uste. Ahotsa totelka itzali zitzaion eta gogoz hartu zuen loak berriro. Nire plana urrunagoko geltoki batean ateratzea zen, baina, bat-batean, trenak hori baino aukera hobea eman zidan. Pendiz baten ertzean gelditu zen, errekasto marroi baten ondoan. Burua atera, eta ikusi nuen bagoi guztietako leihoak itxita zeudela eta inguruetan ez zegoela inor. Beraz, atea ireki nuen eta bide ertzeko hurritzetara salto egin nuen. Infernuko txakur hori izan ez balitz, dena ondo aterako zen. Jabearen gauzekin alde egiten ari nintzelakoan, zaunka egiten hasi zen eta ia-ia praketatik heldu zidan. Horrekin artzaina esnatu zen eta, neure buruaz beste egin nahi nuelakoan, garrasika hasi zen. Sasien artean katamarka joan nintzen, errekaren ertzeraino iritsi eta, zuhaixkekin babestuta, ehun bat metroz urrundu nintzen. Hor ezkutatuta, atzera begiratu eta han ikusi nituen guardia eta hainbat bidaiari bagoiko ate irekitik nire aldera begira zeudela. Ez nuen ihesaldi nabarmenagoa egingo turuta joz eta haize-instrumentuzko orkestra batekin atera izan banintz. Eskerrak artzain mozkortuak arreta desbideratzeko modua eman zuen. Gizona eta txakurra —soka batez gerritik helduta— bagoitik behera erori ziren bat-batean, eta pendizean behera joan ziren biraka tarte batez. Erreskatean, txakurrak norbaiti hozka egin zion, eta oso hitz gordinak entzun ziren. Pixkanaka-pixkanaka nitaz ahaztu ziren, eta, laurehun bat metro gehiago katamarka ibili ondoren, atzera begiratu nuen berriro. Trena martxan zegoen, eta lubaki artean desagertzen ari zen. Zirkulu-erdi itxurako mortu batean nengoen, erreka marroia erradio gisa, eta muino garaiak iparraldeko zirkunferentzia osatzen. Ez zegoen gizakien seinalerik, ezta soinurik ere: uraren mugimendua eta kurlinten txilio etengabea besterik ez zen entzuten. Hala ere, nahiz eta bitxia iruditu, lehenengo aldiz nintzen harrapatzaileen beldur. Ez nintzen poliziaz gogoratzen, beste jende horretaz baizik, Scudderren sekretua banekiela zekiten jendeaz, ezin baininduten bizirik utzi. Ziur nengoen legegizon britainiarrek ezagutzen ez zituzten kemenaz eta arretaz ibiliko zirela nire atzetik eta, harrapatuz gero, ez luketela gupidarik izango. Atzera begiratu nuen, baina ez zegoen ezer inguruetan. Eguzkiak bideko metaletan eta errekako harri bustietan egiten zuen distira, eta, ziurrenik, ez zegoen munduan ikuspegi hori baino baketsuagorik. Hala ere, korrika hasi nintzen. Lokaztiko erreka txikietan makurtuta, izerdiak itsutu ninduen arte egin nuen korrika. Ez nuen sentsazio hori burutik kendu gailurreraino iritsi nintzen arte, eta han, erreka marroiaren iturburuari begira, lur gainean etzan nintzen, arnasestuka. Talai hartatik, landa osoa ikusten nuen burdinbideraino eta are hegoalderago —txilarren ordez larreek betetako eremuraino—. Nire ikusmena belatz batena bezain ona da, baina inguru osoan ez nuen ezer ikusten. Orduan, gailurretik ekialdera begiratu eta beste paisaia bat ikusi nuen: sakonera txikiko bailara berdeak, izei basoez gainezka, eta hauts-lerro finak ostertzean, errepideen salatari. Azkenik, maiatzeko zeru urdinari begiratu nion eta beste gauza bat ikusi nuen han, zainetako odola azkarrago mugiarazi zidana… Hegoaldean, zeruertzean, hegazkin bat ari zen airean igotzen. Norbaitek hala esan izan balit bezala, ziur nengoen hegazkin hura nire bila zetorrela, eta hegazkina ez zen poliziarena izango. Ordu batez edo biz txilar arteko zulo batetik begiratu nion. Muinoaren gailurretik gertu egin zuen hegan, eta ni nengoen bailara gainean biribil estuak egiten zituen. Orduan, antza, iritziz aldatu zen: gorago igo eta iparralderantz jo zuen. Ez nuen aire-espioitza hori gustuko eta pentsatzen hasi nintzen babeslekutzat aukeratua nuen eremua ez zela hain egokia. Etsaiak zeruan bazebiltzan, txilarrez estalitako muino horiek ezin zidaten babesik eman eta, hortaz, beste babes mota baten bila joan behar nuen. Gailurretik harago zegoen paisaia berdea egokiago iruditu zitzaidan: han basoak eta harrizko etxeak zeuden. Iluntzeko seiak aldera, landatik atera, eta errepide zuri batera iritsi nintzen. Errepidea erreka apal baten haranean gora zihoan. Aurrera jo ahala, larreen ordez sasiak agertu ziren, bailara zabaldi bihurtu zen eta, aurreraxeago, mendate-itxurako leku batera iritsi nintzen. Etxe bakar bat ikusi nuen han, tximiniatik kea zeriola. Errepideak zubi bat gurutzatzen zuen eta gizon gazte bat zegoen han, karelaren kontra jarrita. Buztinezko pipa luze bat ari zen erretzen, eta urari begira zegoen betaurrekoen atzetik. Ezkerreko eskuan, liburu txiki bat zeukan, hatz bat orrialdea markatzen. Motel errepikatu zuen: «Grifo batek, lur basatietan zehar, hegaka, muino eta landa gainean, arimaspoak jazartzen dituenean bezala» Galtzada-harrietan nire pausoen hotsa entzun bezain laster, bat-batean biratu zen, eta haren aurpegi beltzarana, atsegina eta gaztea, ikusi nuen. —Arratsalde on —esan zidan seriotasunez—. Gau giro ederra oinez ibiltzeko. Haizeak ikatz-ke eta haragi errearen usaina ekarri zidan etxe barrutik. —Leku hau ostatua al da? —galdetu nion. —Zure esanetara —erantzun zidan adeitsu—. Ni nauzu ostalaria, jauna, eta espero dut gau bat igaroko duzula gurean. Izan ere, egia esatearren, aste honetan ez dut konpainiarik izan. Zubiaren karelaren gainera igo nintzen eta pipa bete nuen. Gaztea aliatutzat hartzen hasi nintzen. —Ostalaria izateko gaztea zara —esan nion. —Urtebete pasa da aita zendu zela eta negozioa utzi zidala. Amonarekin bizi naiz hor. Gizon gazte batentzat lanbide lasaiegia da, ez da nik nahi nuena. —Zer egin nahi zenuke? Gorritu egin zen. —Liburuak idatzi nahi ditut —aitortu zidan. —Eta hori egiteko hau baino aukera hoberik espero al duzu? —ihardetsi nion ozen—. Askotan pentsatu izan dut ostalariek izan behar dutela munduko kontalaririk onenak. —Orain ez —esan zidan grinatsu—. Beharbada antzina, erromesak, trobadoreak, bidelapurrak eta diligentziak errepidean atzera eta aurrera zebiltzala. Baina orain, ez. Autoan datoz bazkaltzera, emakume lodiz betetako autoetan. Udaberrian, arrantzale bat edo bi agertzen dira, eta, abuztuan, ehiztariak. Baina ez beste inor. Eta horietatik ez dago gauza handirik ateratzerik. Bizitza ikusi nahi dut, munduan zehar bidaiatu, eta, Kiplingen eta Conraden gisako istorioak idatzi. Baina, orain arte, Chamber’s Journalen poema batzuk argitaratzea izan da nire lorpenik handiena. Ostatura begiratu nuen, ilunabarrean urre-kolorez jantzia muino marroien aurrean. —Mundua ikusi dut pixka bat, eta ez nuke halako aterpe bat horren erraz gutxietsiko. Edo zer uste duzu, abenturak tropikoetan edo jaka gorriz janzten den jendearen artean baizik ez dela bizitzen ahal? Beharbada une honetan bertan zaude abentura batean murgilduta. —Hori da Kiplingek esaten duena —erantzun zidan, begiak gero eta distiratsuago, eta «9:15eko trenak abenturak ekartzen dizkigu» olerkiko lerro batzuk errezitatu zituen. —Hona hemen bada benetako istorio bat zuretzat —esan nion—, eta hilabete barru eleberri bat idatzi ahal izango duzu horrekin. Zubi gainean eserita, maiatzeko iluntze goxo hartan, istorio ederra kontatu nion. Funtsean, gainera, egiazkoa zen, nahiz eta xehetasun txiki batzuk aldatu. Kontatu nion Kimberleyko meatzaritza-handiki bat nintzela, diamante-erosketa debekatuekin arazoak izan zituena. Gaizkile talde batek jazarri ninduen, nire lagunik onena hil zuten, eta orain nire bila zebiltzan. Ez nuke nik esan behar, baina istorioa ondo kontatu nion. Ihesaldi bat imajinatu nuen Kalahari basamortuan zehar alemaniarren Afrikaraino: egarria pizten zuten egun beroek, belus urdinezko gau ederrek. —Abenturak nahi dituzu —esan nion, garrasika ia—. Ondo, bada, hementxe dituzu. Deabru horiek nire atzetik eta polizia haien ondotik. Nire asmoa lasterketa hau irabaztea da. —Jainkoarren! —xuxurlatu zuen, arnasa azkar hartu zuen harrituta—. Rider Haggardek edo Conan Doylek idatzi duela ematen du. —Sinesten didazu? —esan nion esker oneko. —Jakina —eta eskua eskaini zidan—. Ohikoa ez den guztia sinesten dut. Gauza arruntez izan behar dugu mesfidati, besterik ez. Oso gaztea zen, baina hura zen behar nuen gizona. —Uste dut momentuz galdu ditudala, baina ezkutatu behar dut egun pare batez. Lagunduko didazu? Ukondotik gogoz heldu zidan, eta etxerantz eraman ninduen. —Hemen goxo-goxo egongo zara. Eta inork ez du ezer esango. Hori, nire esku. Zure abenturei buruz gehiago kontatuko didazu, ezta? Ostatuaren atetik sartzerakoan, motor baten burrunba entzun nuen urrunean, eta hantxe ikusi nuen, mendebaldean ilunduz zihoan zeruan aurrera, hegazkinaren silueta. Etxearen atzealdean zegoen gela bat eman zidan —zabaldira begira zegoena—, eta gazteak liburutegia erabiltzen ere utzi zidan. Haren autore kuttunen edizio merkeez beteta zegoen. Ez nuen egundo amona ikusi eta ohetik ez zela altxatzen ondorioztatu nuen. Margit izeneko emakume adineko batek janaria ekarri zidan; ostalariak ez ninduen bakean utzi. Pixka batez bakarrik egon nahi nuenez, zeregin bat asmatu nuen berak egin zezan. Motozikleta bat zuen, eta hurrengo goizean egunkari bila bidali nuen. Normalean postarekin batera iristen zen, arratsaldean. Erne egoteko esan nion. Ezohiko pertsonarik ikusiz gero, gogoratzeko eta, batez ere, hegazkinei eta autoei ondo begiratzeko. Gero, Scudderren liburuxka sakonki aztertzeari ekin nion. Ostalaria eguerdian itzuli zen The Scotsman egunkariarekin. Ez zekarren ezer, Paddock eta esneketariaren gaineko hitz batzuk izan ezik eta, lehengo egunean bezala, hiltzailea iparraldera joan zela zioen. Haatik, Karolides eta Balkanetako aferen gaineko artikulu luze bat ageri zen, The Times egunkaritik hartua; baina ez zuen Ingalaterrara egin beharreko bisitari buruz ezer aipatzen. Arratsaldean, ostalariaz libratzea lortu nuen, eta buru-belarri aritu nintzen kodearen gakoa asmatu nahian. Esan dizuedan moduan, zenbakizko kodea zen eta, esperimentu-sistema nahiko konplexua erabiliz, zeroen eta etenen esanahia aurkitu nuen. Arazoa hitz-gakoa zen, eta, erabili izan zitzakeen hitz-andanan pentsatzen nuenean, itxaropena galtzen nuen. Aitzitik, hirurak aldera, bat-bateko inspirazioa izan nuen. Izen bat gogora etorri zitzaidan: Julia Czechenyi. Scudderrek esan zidan Karolidesen aferan gakoa zela, eta kodea asmatzeko erabiltzea bururatu zitzaidan. Funtzionatu zuen. “Julia” izenaren bost hizkiek bokalen kokapenak eman zizkidaten. ‘A’ hizkia ‘J’ zen, alfabetoaren hamargarren hizkia eta, ondorioz, kodean ‘X’ zen. ‘E’ hizkia ‘U’ zen eta ‘XXI’ bezala agertzen zen kodean, eta horrela ondoz ondo. “Czechenyi” abizenak kontsonante nagusien zenbakiak eman zizkidan. Datu horiek paper-zati batean azkar idatzi eta Scudderren orrialdeak irakurtzeari ekin nion. Ordu-erdi geroago, aurpegi zuriz eta hatz-muturrez mahaian jotzen nuen bitartean, irakurtzeari ekin nion. Leihotik begiratu nuen eta ikusi nuen turismo handi bat zetorrela bailaran gora, ostaturako bidean. Atarian gelditu zen eta autotik jendea ateratzen ari zela entzun nuen. Antza, bi ziren: bi gizon, biak gabardinaz eta tweedezko txanoaz jantzita. Hamar minutu geroago, ostalaria sartu zen gelara, begiak distiratsu. —Behean, zure bila dabiltzan bi gizon ditut —xuxurlatu zidan—. Jangelan daude, whiski eta soda hartzen. Zutaz galdetu didate eta esan didate zu hemen aurkitzea espero zutela. Oso ondo deskribatu zaituzte, botak, alkandora eta guzti. Esan diet atzo egon zinela, eta motozikletaz joan zarela gaur goizean. Haietako batek birao piloa bota du. Haien deskribapena eskatu nion. Bata argala zen, eta begi ilunak eta bekain iletsuak zituen; besteak irribarre egiten zuen etengabe eta zizipaza. Ez ziren atzerritarrak, horretaz erabat ziur zegoen nire lagun gaztea. Paper bat hartu nuen eta, gutun baten zati bat izango balitz bezala, hitz hauek idatzi nituen alemanez: “…Harri Beltza. Scudder horretaz konturatu zen, baina, hamabostaldi batez ezin zuen ezer egin. Ez dut uste orain ezer lagungarririk egin dezakedanik, Karolidesek ez dakielako oso ondo zer egingo duen, batez ere. Baina T. jaunak esaten badu, egin dezakedan guztia egingo dut…”. Nahiko txukun idatzi nuen, gutun pribatu baten orrialde solte bat zela pentsa zezaten. —Eraman behera, eta esan iezaiezu nire logelan aurkitu duzula eta niri itzultzeko, ikusten banaute. Hiru minutu geroago, autoa abian jarri zela entzun nuen eta, errezelen atzetik ezkutatuta, bi gizonak ikusi nituen. Bata argala zen eta bestea txukuna. Ezin izan nuen hori baino gehiago ikusi. Ostalaria agertu zen, erabat asaldatuta. —Zure paper horrek arreta piztu die. —Alaitasun handiz esan zidan—. Beltzarana hildako bat bezain txuri jarri da eta biraoka hasi da; lodiak txistu egin du eta keinu itsusia jarri. Edariak libera-erdi batez ordaindu dituzte eta ez dute atzerakoak jasotzeko itxaron. —Orain esango dizut zer nahi dudan zuk egitea —esan nion—. Hartu motozikleta eta joan Newton-Stewarteko polizia-buruarengana. Deskribatu bi gizonak eta esan iezaiezu uste duzula Londresko hilketarekin harremana dutela. Arrazoiak zeuk asma ditzakezu. Biak itzuliko dira, ez izan zalantzarik. Gaur gauean ez dira itzuliko, errepidean hirurogei kilometroz jarraituko nautelako; baina bihar goizean etorriko dira. Esan poliziari bihar goizeko lehen orduan hemen egoteko. Ume zintzoen moduan gelatik atera zen eta nik Scudderren oharrekin jarraitu nuen lanean. Itzuli zenean, elkarrekin afaldu genuen eta niri nahi beste galderaegiten utzi nion —zer gutxiago, ezta?—. Lehoi-ehizen eta Matabele Gerraren gainean luze hitz egin nion eta, aldi berean, pentsatzen nuen. esku artean nuen aferarekin alderatuta, abentura horiek oso lasaiak zirela Ohera joan zenean, gelan eseri eta Scudderren liburuxka amaitu nuen. Egunsentira arte erre nuen, aulkian eserita, ezin bainuen lorik egin. Goizeko zortziak aldera ikusi nuen bi polizia eta sarjentu bat iritsi zirela. Haien autoa garajean gorde, ostalariak hala aginduta, eta etxean sartu ziren. Hogei minutu geroago, leihotik ikusi nuen beste auto bat hurbiltzen ari zela zabaldiaren beste aldetik. Ez zen ostaturaino heldu: ehun eta laurogei metrora zegoen zuhaizti txiki baten gerizpean geratu zen. Ikusi nuen bidaiariek autoa atzera begira jarri zutela kontu handiz, atera aurretik. Minutu bat edo bi geroago, hartxintxarrean entzun nituen haien pausoak. Nire plana logelan ezkutatuta geratzea zen eta, handik, gertatuko zena ikustea. Uste nuen, polizia eta jazarle arriskutsu haiek elkartzea lortuz gero, abantailaren bat aterako nuela. Baina orduan beste ideia hobe bat bururatu zitzaidan. Nire anfitrioiari eskerrak emateko ohar azkar bat idatzi nion, leihoa ireki eta, zaratarik egin gabe, andere-mahats zuhaixka batera jaitsi nintzen. Inork ikusi gabe, erreka gurutzatu nuen, erreka-adar baten ertzean behera lau hankan joan eta errepideraino iritsi nintzen baso txikiaren beste aldean. Autoa zegoen han, txukun eta eder goizeko eguzkipean. Xasisaren hautsak erakusten zidan bidaia luzea egina zuela. Motorra piztu nuen, gidariaren aulkira jauzi egin, eta zabaldirantz egin nuen ihes isilean. Jarraian, errepideak behera egiten zuen, eta, hortaz, bistatik galdu nuen ostatua; baina iruditu zitzaidan haizeak ahots haserreen soinua ekartzen zidala. 4 - Hautagai erradikalaren abentura Imajina nazazue auto handi hori ahalik eta lasterren gidatzen landako errepide garbietan, maiatzeko goiz distiratu hartan. Hasieran, atzera begiratzen nuen batzuetan eta hurrengo bidegurutzea ikusteko irrikan nengoen; geroago, arreta handirik gabe gidatzen nuen, errepideari jarraitzeko behar nuen baino gehiagorik ez. Izan ere, murgilduta nengoen Scudderren liburuxkan aurkitu nuen horretan. Gizon txiki hark gezur pila bat kontatu zizkidan. Balkanen gaineko istorioak, anarkista juduak, Kanpo Arazoetako Ministerioaren hitzaldia, Karolides… dena gezurra zen. Baina ez erabatekoa, ikusiko duzuen erara. Haren istorioa erabat sinetsi nuen, eta desengainatu ninduen. Orain, haren liburuak beste kontu bat esaten zidan eta, nahiz eta ur beroak erreta egon, ez nintzen ur epelaren beldur: erabat sinesten nuen. Ez nekien zergatik. Benetakoa iruditzen zitzaidan, oso, eta lehenengo istorioa ere, nolabait, funtsean egiazkoa zen. Ekainaren hamabosta patuaren eguna izango zen, eta patu hori atzerritar baten heriotza baino garrantzitsuagoa zen. Hain zen kontu handia izango, non ez bainion Scudderri ezer leporatzen ni jokoz kanpo utzi eta bakarrik jokatu nahi izateagatik. Horixe zen haren asmoa, ziur samar nengoen. Istorio garrantzitsua kontatu zidan, baina benetako afera hain zen handia, ezen hura aurkitu zuen gizonak harentzat bakarrik nahi baitzuen. Ez nuen gaizki hartu. Azken batean, egoerak zituen arriskuengatik zen horren zuhurra. Kontu osoa liburuxkan zegoen, hutsune batzuk kenduta, eta hutsune horiek memoriarekin beteko zituen. Iturriei ere markak ematen zizkien: bakoitzari zenbaki bat ematen zion eta, gero, istorioaren une bakoitzean zuten sinesgarritasun-indizea idazten zuen. Letra larrietan idazti zituen izenak iturriak ziren eta gizon bati, Ducrosne jaunari, puntuazio gorena ematen zion, bost puntu, alegia. Beste batek, Ammersfoot jaunak, hiru jasotzen zituen. Istorioaren oinarrizko datuak baino ez zeuden liburuan eta dozena-erdi bider errepikatzen zen esapide bitxi bat, parentesi artean. Esaldia hauxe zen: («Hogeita hemeretzi maila»). Azken sarreran, honela agertzen zen: («Hogeita hemeretzi maila, zenbatu egin nituen: itsasgora, 22:17»). Ez nion inolako zentzurik hartzen. Lehenbizi ikasi nuen ez zegoela gerra ekiditeko modurik. Gauza ziurra zen, urtero Gabonak etorriko direla bezain ziurra. Scudderren hitzetan, hori 1912ko otsailetik hitzartuta zegoen. Karolides izango zen abagunea. Fitxatu egin zuten, eta ekainaren 14an hilko zuten, maiatzeko goiz hartatik bi aste eta lau egunera, alegia. Scudderren oharren arabera, ez zegoen inor munduan hori saihestuko zuenik. Haien amona larrutzeko gai ziren bizkartzain epiroten kontu hori txorakeria hutsa zen. Ikasi nuen bigarren gauza izan zen gerra hori Erresuma Batuarentzat ezusteko handia izango zela. Karolidesen heriotzak Balkanak harrotuko zituen erabat eta, orduan, Vienak ultimatuma emango zuen. Errusiari ez zitzaion gustatuko eta hitz larriak esango zizkioten elkarri. Aldiz, Berlinek bakezalearena egingo zuen eta egoera baretzen saiatuko zen. Gero, bat-batean, haserretzeko arrazoi bat aurkituko zuen eta, bost ordu geroago, guri erasoko zigun. Hori zen ideia eta ez zen ideia makala, gainera. Eztia eta hitz goxoak eta, bat-batean, ohartarazi gabeko kolpea. Alemaniaren fede eta asmo onez ari ginen bitartean, gure kostaldea itsasontzien kontrako minez beteko zuten ezer esan gabe, eta itsaspekoak gure gerraontzi guztien zain egongo ziren. Dena dela, horrek guztiak hirugarren gauza baten beharra zuen, eta hori ekainaren hamabostean gertatuko zen. Ez nukeen hori inoiz ulertuko, mendebaldeko Afrikatik itzultzen nintzen batean Estatuko ofizial frantziar bat ezagutu izan ez banu. Ofizial hark gauza asko kontatu zizkidan. Besteak beste, azaldu zidan Frantziaren eta Erresuma Batuaren artean benetako aliantza praktikoa zegoela, legebiltzarrean tontakeria asko esaten ziren arren, eta bi estatuburuak elkartzen ohi zirela batzuetan elkarlanean aritzeko, gerra piztuko balitz. Ekainean, oso ofizial garrantzitsua etorriko zen Parisetik eta britainiarrek mobilizatu beharreko flota nazionalaren kokapenak jasoko zituen. Nik, behintzat, halako zerbait zela ulertu nion; nolanahi ere, ezohiko garrantzia zuen gauza bat zen. Hala ere, ekainaren hamabostean, beste batzuk ere Londresen izango ziren, eta beste horien nortasunaz irudipenak baino ez nituen. Scudderrek “Harri Beltza” izenaz aipatzen zuen talde osoa, baina besterik ez. Ez ziren gure aliatuen ordezkariak, etsairik arriskutsuenak baizik, eta Frantziara bidali beharreko informazioa haien sakeletan bukatuko zuen. Informazio hori erabiltzeko asmoa zuten, gogoratu astebete edo bi geroago arma masiboekin eta torpedo azkarrekin etorriko zirela, ustekabean eta udaldiko gau baten ilunpean. Horixe dezifratu nuen mendialdeko ostatuaren atzealdeko gela hartan, leihotik aza-baratzea nuela ikuspegi. Istorio horrek egiten zidan burrunba burmuinean, auto handia haran batetik bestetara eramaten nuela. Burura etorri zitzaidan lehen ideia Lehen Ministroari idaztea izan zen; baina, pixka bat hausnartu ondoren, konturatu nintzen hori alferrikakoa izango zela. Nork sinetsiko zidan? Seinale bat behar nuen, egiaztatzeko froga bat, eta auskalo zer aurki nezakeen. Batez ere, aurrera jarraitu behar nuen eta, unea iristen zenean, esku hartzeko prest egon. Ez zen lan erraza izango. Erresuma Batuko polizia atzetik nuen; baita Harri Beltzaren zelatariak ere, nire arrastoari isilik eta azkar jarraitzen. Ez nuen oso argi nora helduko nintzen; baina, eguzkiaren laguntzaz, ekialdera gidatu nuen. Mapan ikusitakoa gogoratuz, banekien iparraldera joanez gero ikatz-meategiz eta industria-herriz betetako eskualde batera iritsiko nintzela. Une hartan, landetan behera nindoan, eta ibai baten haran zabala zeharkatzen ari nintzen. Kilometro askotan zehar, lursail bat inguratzen zuen harresi baten parean gidatu nuen eta, zuhaitzen artean, gaztelu handi bat ikusi nuen. Lastozko teilatuak zituzten herri zahar eta txikiak gurutzatu nituen, lur beheretako erreka lasaiak ere bai, elorriz eta otalorez gainezka zeuden lorategiak atzean utzi nituen arte. Horren ingurune baketsuan nengoen, ezen ezin bainuen sinets bi gizon zeudela nire atzetik ni erail nahian eta, hilabeteren buruan, izugarrizko zortea izan ezean, mendialdeko aurpegi biribilek izuturik begiratu zutela eta Ingalaterrako zelaiak gizon hilez beteko zirela. Eguerdi aldera, herri luze eta sakabanatu batean sartu nintzen, eta erabaki nuen geldituko nintzela zerbait jateko. Herriaren erdian, postetxea zegoen eta, horren eskaileretan, postetxeko arduraduna eta polizia bat telegrama bat dezifratzen ari ziren, ahalegin handiz. Ni ikusi bezain laster ohartu egin ziren eta poliziak, esku bat altxatuz, gelditzeko oihu egin zidan. Kasu egiteko bezain memeloa izan nintzen kasik. Orduan, bat-batean bururatu zitzaidan telegramak nirekin zerikusia zuela. Ostatuan zeuden guztiak ni berriro ikusteko gogoz zeuden eta, ziurrenik, erraza izango zen nire eta autoaren deskribapena telegramaz bidaltzea gurutza nitzakeen hogeita hamar herritara. Balaztak doi-doi askatu nituen. Hala ere, poliziak autoari heldu zion esku batekin, eta ezkerreko eskuarekin begian ukabilkada jo nion arte ez zuen laga. Ohartu nintzen errepide nagusiak ez zirela egokiak niretzat eta bigarren mailakoetan sartu nintzen. Maparik gabe ez zen erraza. Haziendaren bateko bidexka batean sartzeko arriskua zegoen eta, horrela, ahate-putzu edo ukuilu bateko patio batean amaitzeko. Ezin nuen halako atzerapenik eduki. Orduan ohartu nintzen autoa lapurtzea tontakeria izan zela. Erraldoi berde hark nire kokapenaren berri emango zuen Eskozian zehar. Autoa utzi eta oinez jarraitu izan banu, ordubete edo bi geroago jazarleak aurkituko zuketen eta ez nukeen alderik edukiko ihesean. Premiazkoena errepide aldenduenetara iristea zen. Laster aurkitu nituen, ibai handi baten adar batera iritsi nintzenean. Haranean barrena, muino aldapatsuz inguratuta nengoen eta, amaieran, errepide bihurri batek mendate bat gurutzatzen zuen. Ez nuen inorekin topo egin, baina, errepide horretatik, gehiegi urrunduko nintzen iparralderantz. Horrenbestez, ekialderantz zihoan bidexka txar batean sartu nintzen eta, azkenean, trenbide bikoitz handi batera iritsi nintzen. Beherantz begiratuta, beste haran bat ikusi nuen, zabal samarra, eta bururatu zitzaidan hura gurutzatuz gero beharbada urrutiko ostatu batean gaua pasatzeko aukera izango nuela. Iluntzen ari zuen eta oso gose nintzen, okin baten orgatik erositako opil pare bat baino ez bainuen jan gosariaz geroz. Orduantxe entzun nuen zarata bat zeruan eta, hara! Han zegoen hegazkin madarikatu hura, lurretik gertu hegaka, hogei bat kilometro hegoaldera, eta azkar zetorren nire norabidean. Eskerrak garaiz ohartu nintzen landa biluzian hegazkinaren mende nengoela eta nire aukera bakarra haraneko zuhaiztien pean sartzea zela. Tximista bezain azkar joan nintzen muinoan behera eta, noizean behin, burua biratzera ausartzen nintzen, makina hegalari nazkagarriari begiratzeko. Berehala, ertzetan hesiak zituen errepide batera heldu nintzen eta erreka baten ibar sakon batera eraman ninduen horrek. Orduan, baso trinko batera iritsi nintzen, eta abiadura gutxitu egin nuen. Bat-batean, beste auto baten klaxona entzun nuen nire ezkerretara eta izu handiz konturatu nintzen errepidera ematen zuen bide pribatu baten zutoinekin talka egitear nengoela. Nire klaxonak alarau ahula atera zuen, baina beranduegi zen. Balaztak zapaldu nituen, baina autoaren oldarra handiegia zen eta, nire bidean, beste autoa zihoan irristaka. Segundo bat gehiago igaro izan balitz, izugarrizko hondamena izango zatekeen. Egin nezakeen gauza bakarra egin nuen, hau da, eskuineko hesiaren kontra jo, horren atzean zerbait leuna egongo zelakoan. Aitzitik, oker nenbilen. Nire autoak hesia gurutzatu zuen gurina balitz bezala eta, gero, zorabiatzeko moduko jauzia egin zuen. Gertatuko zena ikusi izan banu, eserlekuaren gainean zutik jarriko nintzen, autotik jauzi egiteko prest. Elorri baten adarrak, ordea, bularretik harrapatu ninduen, altxatu, eta sostengua eman zidan, tona bat edo biko metal garestia nire azpitik irristatzen zen bitartean. Erori eta iraulka ibili zen, eta hamabost metro beherago zegoen errekaren uretan talka ozena egin zuen. Elorriak pixkanaka-pixkanaka askatu ninduen. Hesiraino jaitsi nintzen lehenbizi eta, gero, emeki-emeki, osin batzuetara. Baldarki zutik jartzen ari nintzela, esku batek besotik heldu zidan, eta ahots adeitsu eta beldurtu batek galdetu zidan mina hartu ote nuen. Gizon gazte eta garai bat aurkitu nuen aurrez aurre, gidatzeko betaurrekoez eta larruzko beroki batez jantzita, aieneka eta barkamena eskatzen etengabe. Arnasa berreskuratu ahala, pozik egoteko arrazoia baino ez nuen ikusi. Hori bai autoa gainetik kentzeko modua. —Errua nirea izan da —erantzun nion—. Eskerrak ez diodan hilketa bat gehitu nire tontakeria-zerrendari. Eskozian egin nahi nuen auto-bidaia amaitu da, baina nire bizitzaren amaiera ere izan zitekeen. Ordularia atera, eta begiratu zion. —Une egokian agertu zara —esan zidan—. Ordu-laurden bat libre daukat eta nire etxea hemendik bi minutura dago. Arropa emango dizute, eta janaria, baita ohe on bat ere. Hala ere, non daude zure gauzak? Autoarekin batera erre egin al dira? —Sakelan ditut —esan nion, hortzetako eskuila bat erakutsiz—. Kolonietakoa naiz eta gauza gutxirekin bidaiatzen dut. —Kolonietako bat! —oihu egin zuen—. Jainkoarren, nire otoitzen erantzuna zara. Kasualitatez, librekanbismoaren aldekoa zara? —Banaiz —erantzun nion, zer esan nahi zuen ideiarik ez nuen arren. Sorbaldan kolpetxoak eman zizkidan eta autoan azkar sartu ninduen. Hiru minutu geroago, itxura atsegineko etxe baten aurrean gelditu ginen, pinuz inguratua, eta barrura sartzeko keinua egin zidan. Lehenik, logela batera eraman ninduen eta dozena-erdi traje nire aurrean bota zituen, nirea suntsituta zegoen eta. Sargazko traje urdin handi bat aukeratu nuen, aurreko arroparekin alderik handiena baitzuen, eta lihozko lepoko bat hartu nion mailegutan. Orduan, jangelara joateko esan zidan eta han azken otordutik geratutako janaria zegoen mahai gainean. Esan zidan jateko bost minutu nituela. —Mokadu bat sakelan eraman dezakezu eta, itzultzen garenean, afalduko dugu. Masonen aretora, zortzietan iritsi behar dut; bestela, nire agenteak kargu hartuko dit. Kafe bat hartu nuen, baita urdaiazpiko hotz pixka bat ere eta, bitartean, nire anfitrioiak hitz egiten jarraitu zuen sutondoan. —Ikusiko duzu anabasa handian nagoela… Bide batez! Ez didazu zure izena esan. Twisdon? Hirurogeigarren erregimentuaren Tommy Twisdonen senidea al zara? Ez? Bada, ni eskualde honen hautagai liberala naiz, eta, gaur, badut mitin bat Brattleburnen. Horixe da nire herri nagusia eta, tamalez, kontserbadoreak oso indartsu daude han. Lehen Ministro kolonial ohia, Crumpleton, gaur nire alde hitz egitera etortzekoa zen, publizitate handia egin diogu mitinari, eta lekua gainezka egongo da. Baina, arratsaldean, lotsagabeak telegrama bat bidali dit esanez Blackpoolen dagoela, gripeak jota, eta hementxe nago ni, kontu osoa bakarrik egitera behartuta. Nire asmoa hamar minutuz hitz egitea zen, baina, orain, berrogei minutu izango dira, eta, hiru orduz burua hausten ibili naizen arren esateko zerbait aurkitu nahian, ez zait gauza nahikorik bururatu. Beraz, gizon jatorra izan eta lagundu, mesedez. Librekanbismoaren aldekoa zara eta protekzionismoak kolonietan egiten duen kaltea azal diezaiekezu. Zuek guztiek badaukazue hitz egiteko gaitasuna; nik ez, tamalez. Zurekin zorretan egongo naiz betiko. Ezer gutxi nekien librekanbismoaren alde edo aurka, baina, nahi nuena lortzeko, ez nuen beste aukerarik ikusten. Jaun gaztea hain zegoen bere gauzetan murgilduta, ezen ez baitzen konturatzen zeinen zen arraroa heriotzari ihesi egin eta auto izugarri garestia galdu berri duen ezezagun bati mitin batean hitz egiteko eskatzea bat-batean. Aitzitik, nire premiak ez zidan unearen bitxikeriari buruz hausnartzen uzten, ezta nire euskarriak aukeratzen ere. —Ondo da —ihardetsi nion—. Ez naiz oso mintzalari fina, baina Australiari buruz hitz egingo diet. Hitz horiek sorbaldetako zama izugarri hura arindu zioten, eta poz handiz eman zizkidan eskerrak. Larruzko beroki handi bat utzi zidan,eta ez zidan galdetu zergatik nenbilen auto-bidaian berokirik eraman gabe; hautsez beteta zeuden errepideetan genbiltzala, bere istorioa kontatu zidan. Umezurtza zen, osabak hezia. Ez naiz osabaren izenaz gogoratzen, baina gobernuan zegoen eta haren hitzaldiak egunkarietan irakur ditzakezue. Cambridgeko Unibertsitatean lizentziatu ondoren, munduan zehar bidaiatu zuen eta, gero, lanik ez zuenez, osabak politikagintzan sartzeko aholkatu zion. Ohartu nintzen berdin zitzaiola alderdi bat edo bestea. —Bietan, gizon onak daude —esan zidan alai—, baita lotsagabeko asko ere. Ni liberalen aldekoa naiz, nire familia betidanik hala izan delako. Politikan epela bazen ere, beste gauza batzuei buruzko iritzi sendoak zituen. Zaldien gainean asko zekien eta gauza asko kontatu zizkidan Derbyko lasterketan parte hartuko zuten zaldiei buruz; gainera, bere tiro-gaitasuna hobetzeko plan asko zituen. Oro har, gazte gardena, zintzoa eta heldugabea zen. Herri txiki bat gurutzatzen ari ginela, bi poliziak gelditzeko keinuak egin zizkiguten esku-argiekin. —Barkatu, Sir Harry —esan zuen batek—. Auto bat bilatzeko agindu digute eta deskribapena bat dator zurearekin. —Ondo da —esan zuen nire anfitrioiak, eta nik eskerrak eman nizkion Jainkoari, era arraro batean izan arren, neure burua salbatu nuela ikusita. Horren ondoren, ez zuen hitz gehiagorik esan, egin beharreko mintzaldia buruan zuen eta. Marmarka ari zen, begiak noraezean zebiltzan, eta bigarren hondamendi baten beldur nintzen. Neu ere saiatu nintzen zer esango nuen irudikatzen, baina nire burmuina harriak bezain lehor zegoen. Ohartu baino lehen, kale batean gelditu ginen, ate baten aurrean, eta dominaz betetako jaun zaratatsu batek ongietorria eman zigun. Aretoan, bostehun bat lagun zeuden, gehienak emakumezkoak, burusoil dezente eta dozena bat edo bi gizon gazte. Mahaiburuak –konfiantzarik ematen ez zuen apaiz protestante sudur gorridun batek– barkamena eskatu zuen Crumpleton ez agertzeagatik, gripea zuela adierazi zuen eta baieztatu zuen ni “Australiako pentsamenduaren benetako aitzindaria” nintzela. Atean, bi polizia zeuden eta espero nuen gorazarre hori entzun egingo zutela. Orduan, Sir Harry hasi zen. Ez nuen inoiz halakorik entzun. Ez zuen hitz egiteko ideiarik ere. Ohar mordoa zuen, eta haiek irakurtzen zituen; baina, horiek uzten zituenean, totelka hitz egiten zuen. Noizean behin, buruz ikasitako esaldi batez gogoratzen zen eta, bizkarra tente, Henry Irvingek bezain ondo esaten zuen. Gero, paperen gainean makurtuta egoten berriro, galduta. Ez nuen inoiz halako tontakeria handirik entzun. “Alemaniako mehatxuaren” gainean hitz egin zuen eta kontserbadoreen asmakizuna zela, txiroei haien eskubideak lapurtzeko eta gizarte-aldaketa handia eragozteko; baina “langile antolatuak” horretaz konturatu ziren, eta kontserbadoreei barre handia egiten zieten. Gure borondate ona erakusteko, itsas armada murriztu nahi zuen eta, ondoren, Alemaniari ultimatum bat bidaliko zion gauza bera egiteko; bestela, jipoitu egingo genuen. Kontserbadoreengatik ez bazen, Alemania eta Erresuma Batua elkarlanean ibiliko ginen bakearen eta aldaketaren alde. Sakelan nuen liburuxka beltzean pentsatu nuen! Scudderren lagunei bakea eta aldaketa bost axola zitzaizkien. Hala ere, mintzaldia gustatu egin zitzaidan, nolabait. Gizonak tontakeria hutsak irentsiak zituen arren, haren zintzotasuna agerikoa zen. Gainera, zama handia kendu zidan gainetik. Agian ez nintzen oso mintzalari ona izango, baina Sir Harry baino mila aldiz hobea banintzen. Nire txanda iritsi zenean, ez nuen hain gaizki hitz egin. Australiaren gainean gogoratzen nuen guztia kontatu nien, han bertan Australiako inor egongo ez zelako esperantzan. Hango alderdi laboristaren, emigrazioaren eta soldadutzaren gainean hitz egin nien. Ez dut uste librekanbismoa aipatzearekin gogoratu nintzenik; baina esan nien Australian kontserbadorerik ez zegoela, alderdi laboristak eta liberalak bakarrik. Horrek txaloak piztu zituen eta pixka bat esnarazi nituen, eta esan nien gure inperioa oso gauza loriatsua izan zitekeela, guztiok ahalegin handia eginez gero. Oro har, uste dut arrakasta hutsa izan zela. Aitzitik, ez nintzen apaizaren gustukoa izan eta, publikoari eskerrak emateko eskatu zionean, esan zuen Sir Harryren mintzaldia “estatu-politikari baten mailakoa” izan zela eta nirea, berriz, “emigrazio-agente baten elokuentzia”. Autoan berriro sartu ginenean, aldarte onenean zegoen nire anfitrioia. —Mintzaldi izugarria, Twisdon —esan zidan—. Eta orain, etxera etorriko zara nirekin. Bakarrik nago eta, egun bat edo bi geratuz gero, arrantzan joango gara. Afari beroa genuen —horren desiran nengoen ni— eta pontxea edan genuen, egongela alai batean, karraska egiten zuen sutondoaren alboan. Uste nuen egia esateko unea iritsia zela. Begietan ikusi nuen fidatzeko moduko gizona zela. —Entzun, Sir Harry —esan nion—. Gauza garrantzitsu samar bat azaldu behar dizut. Gizon jatorra zara eta zintzoa izango naiz. Non demontretik hartu dituzu gaur bota dituzun tontakeria pozoitsu horiek? Aurpegia ilundu zitzaion. —Horren txarra zen? —galdetu zidan lotsatuta—. Nahiko ahul geratu da, bai. Gauza gehienak Progressive aldizkaritik eta nire agenteak bidaltzen dizkidan panfletoetatik atera ditut. Baina ez duzu uste Alemaniak gure kontrako egingo duenik, ezta? —Galdera hori sei aste barru egiten baduzu, ez duzu erantzunik behar izango —ihardetsi nion—. Ordu-erdi bat ematen badidazu, istorio bat kontatuko dizut. Oraindik, gela argitsu hura ikus dezaket, orein-buruak eta grabatu zaharrak hormetan, Sir Harry urduri sutondoko harrizko ertzaren gainean eta ni besaulki batean etzanda, hizketan. Beste pertsona bat banintz bezala ikusten nuen dena. Nire ahotsa entzuten nuen eta istorioak sinesgarria zirudien ala ez arretaz epaitzen nuen. Lehen aldia zen egia osoa —nik ulertzen nuena behintzat— norbaiti azaltzen niola eta oso lagungarria izan zitzaidan, gauzak argi ikusten lagundu baitzidan. Ez nuen xehetasunik ezkutatu. Scudderren gainean hitz egin nion, baita esneketariarena kontatu ere, liburuxkarena eta Gallowayn egin nuena ere bai. Urduri jarri zen eta sutondoko alfonbraren gainean aurrera eta atzera ibiltzen hasi zen. —Beraz —amaitu nuen—, Portland Placeko Hilketagatik bilatzen ari diren gizona etxean duzu. Zure betebeharra zure autoa poliziarengana bidaltzea da, haiek nire atxilo nazaten. Ez dut uste oso urrun iritsiko nintzatekeenik. Istripu bat gertatuko litzateke eta, atxilotu eta ordubete edo bi geroago, labana bat izango nuke saihetsen artean. Baina, herritar zintzo zaren aldetik, zure betebeharra da. Beharbada hilabete barru damutuko zara, baina ez duzu zertan horrekin pentsatu. Begi distiratsuekin irmo begiratu zidan. —Zer lan mota egiten zenuen Rhodesian, Hannay jauna? —galdetu zidan. —Meatze ingeniaria —esan nion—. Nire dirutza zintzo lortu dut eta horrekin ondo pasatu dut, gainera. —Ogibide horrek ez die gizon baten nerbioei eragiten, ezta? Barre egin nuen. —Horri dagokionez, ez daukat arazorik. Ehiztari-labana bat hartu nuen horman zegoen apal batetik; Mashona tribuaren amarru zaharra egin nuen: airetara bota, eta hortzekin harrapatzea. Hori egiteko, tentua behar da. Irribarre batez begiratu ninduen. —Ez dut frogarik behar. Beharbada mitinean tuntunarena egin dut, baina badakit gizon bati neurria hartzen. Ez zara hiltzailea eta ez zara memeloa eta uste dut egia esaten ari zarela. Eta orain lagunduko dizut. Zer egin dezaket? —Lehenik, idatzi gutun bat osabari. Ekainaren hamabosta baino lehen gobernukideekin harremanetan jarri behar dut. Bibotetik tira egin zuen. —Horrek ez lizuke lagunduko. Hau Kanpo Arazoetako Ministerioaren afera bat da, eta osabak ez du zerikusirik horrekin. Gainera, ez zenuke inoiz konbentzituko. Ez, hori baino gauza hobea egingo dut. Kanpo Arazoetako Ministerioko idazkari nagusiari idatziko diot. Aita pontekoa dut eta fidatzeko modukoa da, erabat. Zer esango diot? Mahai baten ondoan eseri zen eta diktatu egin nion. Gakoa zen Twisdon deritzon gizonezko bat —uste nuen izen horrekin jarraitzea hobe zela— ekainaren hamabostean baino lehen agertzen bazen, ondo hartu beharko zukeela. Twisdonek bere nortasuna egiaztatzeko, “Harri Beltza” aipatu eta “Annie Laurie” abestiaren melodia txistukatu egingo zuen. —Primeran — esan zuen Sir Harryk—. Hori da jarduteko modua. Bidenabar, aita pontekoak Sir Walter Bullivant du izena eta, egun horietan, landatan duen etxean egongo da. Artinswelletik gertu dago, Kennet ibaiaren ertzean. Beraz, gutuna idatzita dago. Orain zer? —Nire garaierakoa zara, gutxi gorabehera. Utzi iezadazu zure tweedezko trajerik zaharrena. Edozein trajek balioko du, arratsaldean suntsitu dugun arroparen kolorearen desberdina bada. Gero, erakutsi eskualdeko mapa bat eta azaldu hemengo orografia. Azkenik, polizia nire bila etortzen baldin bada, erakuts iezaiezu haranean dagoen autoa, besterik ez. Besteak agertzen badira, esan iezaiezu hegoalderako trena hartu nuela mitinaren ondoren. Gauza horiek guztiak egin zituen edota egingo zituela agindu zidan. Geratzen zitzaidan bibotea kendu nuen eta traje zahar-zahar bat jantzi nuen, (uste dut heather mixture deitzen zaiola materialari). Mapari esker, inguruaren ezaugarriak ezagutu nituen eta jakin nahi nituen bi gauzak esan zizkidan: hegoaldera zihoen trenbidea non hartu eta inguruko alderik basatienak zein ziren. Ordu bietan, egongelako besaulkian nengoela esnatu ninduen eta, begiak etengabe kliskatzen nituela, gau ilun izardunean barrena eraman ninduen. Tresna-etxola batetik, bizikleta zahar bat atera zuen eta eman egin zidan. —Lehenik, izei-baso luzean, eskuinetara jo —esan zidan—. Egunsentirako, mendi artean egongo zara. Orduan, bizikleta lokazti batera bota eta joan oinez mendixketara. Artzainen artean, astebete eman dezakezu Ginea Berrian izango bazina bezain seguru. Hartxintxarrezko bidexketan gora, oinpekoei eragin nien, egunsentiak zerua argitu zuen arte. Eguzkia behe-lainoa kentzen ari zela, mundu berde eta zabal batean aurkitu nuen nire burua; haran txikiak alde guztietara eta urruneko zeruertza urdinerantz zabaltzen ziren. Han, behintzat, berehala jabetuko nintzen etsaien presentziaz. 5 - Bide-langile betaurrekodunaren abentura Mendateko lekurik altuenean eseri nintzen eta nire egoera analizatu nuen. Nire atzean, errepidea zegoen. Errepideak gora egiten zuen muinoen artean, arrail luze batean, ibai ospetsu baten goiko ibarrean. Aurrean lautada zegoen, beharbada kilometro eta erdikoa, lokaztiz eta sasi basatiz betea eta, harago, errepidea azkar jaisten zen beste haran batera, beste lautada bateraino. Lautada horren iluntasun urdina urruntasunean galtzen zen. Ezkerretara eta eskuinetara, profil leuneko muino berdeak zeuden, madalenak ziruditen. Hegoaldera, hots, nire ezkerretara, txilarrez estalitako mendi altuak ikusten ziren eta gogoratu nuen mapan babesleku gisa aukeratu nituen mendiak zirela. Garaiera itzeleko landa baten erdian nengoen: kilometrotara zer gertatzen zen ikus nezakeen handik. Errepidearen azpian zeuden larreetan, etxola bat zegoen, tximiniatik kea zeriola. Hori zen gizadiaren seinale bakarra. Bestela, txirrien txioak eta erreka txikien txilin-hotsa baino ez ziren entzuten. Zazpiak inguru ziren eta, han geldirik nengoela, airean berriro entzun nuen mehatxuzko taupada hori. Orduan konturatu nintzen nire talai hori benetan tranpa bat izan zitekeela. Txoririk txikienak ere ez zuen ezkutatzerik leku berde biluzi horietan. Taupada handitzen ari zela, geldirik geratu nintzen eserita, etsita. Orduan, ikusi nuen hegazkina ekialdetik zetorrela. Altu hegan egiten zuen, baina, hari begira nengoela, ehun bat metro egin zuen behera eta muino multzoaren inguruan hasi zen hegan, belatzak eraso egin baino lehen zirkulutan hegan egiten duen bezala. Orain, oso baxu zegoen eta hegazkin barrukoek ikusi ninduten. Bi kideetako batek prismatikoez aztertzen ninduela ikusi nuen. Bat-batean, kiribil azkarrez igotzen hasi zen eta, abiadura handiz, ekialdera abiatu zen, goizaldiko zeruan izpi txiki bihurtu arte. Horrek azkar eta sakon pentsarazi zidan. Etsaiek bazekiten non nengoen eta, handik gutxira, inguratuko ninduten. Ez nekien zer baliabide zituzten, baina ziur nengoen behar adina izango zela. Hegazkinetik, nire bizikleta ikusi zuten eta errepidetik ihes egiten saiatuko nintzela ondorioztatuko zuten. Hala izanda, landetan zehar eskuinetara edo ezkerretara jotzen banuen, aukera bat izan nezakeen. Bizikleta errepidetik ehun metrora eraman nuen eta goroldioz betetako urmael batera bota nuen eta, han, barrabas-belarren eta urrebotoien artean hondoratu egin zen. Orduan, muino batera igo nintzen eta, handik, haran bata eta bestea ikusten nituen. Inguruko zinta zurian ez zen ezer mugitzen. Aitzitik, ez zegoen arratoi bat ezkutatzeko lekurik ere. Eguna argitu ahala, argi gardenak lekua bete zuen, Veldean egoten den giro eguzkitsuak egiten duen antzera. Beste egoera batean, lekua nire gustukoa izango zitekeen, baina itogarri iruditzen zitzaidan orduan. Landa ireki horiek kartzelako hormak ziren; muinoetako haize ederra, ziega baten kiratsa. Txanpona bota nuen airetara: aurkia, eskuinetara; binperra, ezkerretara. Aurkia atera zenez, iparraldera abiatu nintzen. Hortik gutxira, gailur batera iritsi nintzen, mendateko hormara, alegia. Errepidean zehar, hamar kilometrora ikusten nuen eta, urrunean, zerbait mugitzen ari zen. Uste nuen auto bat izango zela. Gailurretik haratago, landa berde malkartsua ikusi nuen, basoko haranetara eramaten zuena. Veldean izandako bizimoduak arrano baten ikusmena eman zidan eta, horregatik, urrun dauden gauzak ikus ditzaket, nahiz eta gizon gehienek gauza horiek ikusteko teleskopioa behar. Maldan gora, hiru bat kilometrora, gizon batzuk zebiltzan, ehizaldi batean dabiltzan bilatzaileen gisan. Bistatik kanpo jarri nintzen, zeruertzaren atzean. Bide hori itxita neukan eta errepidetatik harago zeuden mendietan babeslekua aurkitzen saiatu nahi nuen. Lehen ikusitako autoa hurbiltzen ari zen, baina, momentuz, urrun zegoen eta aldapa handiak igo beharko zituen. Korrika egin nuen gogoz, makurtuta sakanetan izan ezik eta, aurrera joan ahala, aurrean nuen muinoaren gailurrari begiratzen nion tarteka. Nire irudimena zen ala pertsona batzuk ikusten ari nintzen (bat, bi, beharbada gehiago) haran gainean mugitzen, errepidez haraindi? Lursail batean alde guztietatik setiatuta egonez gero, aukera bakarra duzu ihes egiteko. Lursailean geratu behar duzu eta, etsaiek bilatu arren, ez zaituzte aurkitu behar. Hori zentzuzkoa zen, baina nola demontre ez ninduten ikusiko leku laukizuzen horretan? Lokatzetan leporaino murgilduko nintzatekeen; edo ur azpian etzan; edo zuhaitzik altuena igo: baina ez zegoen adarrik; lokazti zuloak putzu txikiak ziren; eta, errekaren ordez, ur-ildo fina zegoen. Txilar motza baino ez zegoen, muino biluziekin eta errepide zuriarekin batera. Orduan, oso bihurgune txiki batean, harri-tontor baten ondoan, bide-langilea aurkitu nuen. Iritsi berria zen eta mailuari nekez eragiten zion. Zuhurtziaz begiratu zidan eta aharrausi egin zuen. —Zorigaiztokoa laborantza utzi nian eguna! —oihu egin zuen, munduari esango balio bezala—. Orduan, nire buruaren jabea ninduan. Orain, gobernuaren esklaboa nauk, bide bazterrari lotua, begiak higatuak eta bizkarra makur. Mailua hartu zuen, harri bat kolpatu, eta birao batzuk botata, berriz eragin zion. Eskuak belarrietara eraman zituen. —Otoi! Burua zapartatzen ari zaidak! —garrasi egin zuen. Itxura basatia zuen. Nire neurrikoa zen, gutxi gorabehera; baina oso okertuta zegoen, astebeteko bizarra eta pastazko betaurreko handiak zituen. —Ezin diat egin —oihu egin zuen berriro—. Ikuskatzaileak sala nezala. Ohatzera joanen nauk. Arazoa zein zen galdetu nion, nahiko argi zegoen arren. —Arazoa duk mozkortua naizela. Barda, alaba Merran ezkondu zuan eta lauak arte egin zitean dantza. Ni eta beste batzuk edateko jarri gintuan, eta hemen nauk. Domaia duk nik ardo beltzari inoiz begiratu izana! Oheratu behar zen; ados nengoen. —Hori erratea erraza duk —kexatu zen—. Baina atzo karta postala errezibitu nian ikuskatzaile berria gaur jinen zela erraten ziana. Etortzen denean ez naik aurkituko, edo, aurkituz gero, gaizki aurkituko naik, beraz eneak egin dik. Oheratuko nauk eta gaizki nagoela erranen zieat, baina horrek ez nauk lagunduko. Nire eritasuna zer den bazakitek. Eta orduan bururatu zitzaidan. —Ikuskatzaile berriak ezagutzen ote hau? —galdetu nion. —Ez naik ezagutzen, ez. Aste bat bakarrik duk lanean ari duala, gehiago ez. Auto ttipi batean ibiltzen duk eta izigarri zorrotza duk. —Hik non duk etxea? —galdetu nion, eta, hatz dardaratiaz, erreka ondoan zegoen etxola seinalatu zidan. —Ongi, habil etxera —esan nion—, eta egin lo lasai. Memento batez hire lana eginen diat, baita ikuskatzailearekin mintzatuko ere. Sinesgaitz begiratu zidan, eta, haren buru nahasia ulertzen hasi zenean, mozkortien irribarre distraitua azaldu zitzaion aurpegian. —Hi bai mutiko gisakoa —oihu egin zuen—. Egitekoa erraza duk. Harri-tontor hori egin diat, eta, beraz, goiz honetan ez duk gehiago zilatu behar. Errota hartu, eta, hor den harrobitik, bihar beste tontor bat egiteko bezainbat ekarri. Nire izena Alexander Trummle duk, eta zazpi urte hauetan ari nauk lan honetan. Lehen, laboraria ninduan Leithen Wateren. Lagunek Ecky deitzen naitek, baita Specky ere, begi-lagunak badizkidalako, bista ahula baitiat. Ikuskatzaileari jendeki mintzatu, "jauna" erran iezaiok, eta kontent izanen duk. Ni eguerdi irian itzuliko nauk. Betaurrekoak eta txano zikin eta zaharra hartu nizkion; nire jaka, txalekoa eta lepokoa kendu nituen eta eman egin nizkion. Buztinezko pipa zikina ere maileguan hartu nion. Egin beharreko ataza sinpleak azaldu zizkidan eta, besterik gabe, lasai abiatu zen oherantz. Oheratzea zuen helburu nagusitzat, baina nik uste botilan ere pixka bat geratzen zitzaiola. Espero nuen nire lagunak iritsi baino lehen gizona tapaki artean egotea. Nire papera betetzeko jantzi nintzen. Alkandora ireki nuen. Koadroduna zen, urdina eta zuria, baserritarrek eramaten dituztenen modukoa eta lepoa ijito batena bezain marroia zuen. Maukak igo nituen eta besaurrea errementari batena izan zitekeen, eguzkiak belztua eta zauri zaharrez betea. Errepideko hautsarekin botak eta prakak zuritu nituen. Gero prakak igo egin nituen eta belaunaren azpian soka batez lotu. Segidan, aurpegiarekin hasi nintzen. Hautsarekin ur-marka bat egin nuen lepoan, ziur aski Turnbull jaunak igandero garbitzen zuenaren muga. Masail beltzaranak hautsez igurtzi nituen. Bide-langile baten begiak handitu samar egongo ziren; hortaz, hauts pixka bat sartu nuen bietan eta, igurtziz eta igurtziz, lausotuta utzi nituen. Sir Harryk eman zizkidan sandwichak nire jakan zeuden, baina bide-langilearen bazkaria, musuzapi gorri batean bilduta, eskura nuen. Gose handiz, opil lodiak eta gazta zati batzuk jan nituen, baita te hotz pixka bat edan ere. Musuzapian, bertako egunkaria zegoen, sokaz lotuta eta Turnbull jaunaren izenarekin, ziur aski eguerdiko etena arintzeko. Fardela berriro lotu nuen eta egunkaria haren ondoan utzi nuen, oso agerian. Iruditzen zitzaidan nire botak ez zetozela egoerarekin bat eta ostiko batzuk eman nizkien harriei, bide-langile baten oinetakoen granitozko itxura har zezaten. Orduan azazkalak hozkatu eta urratu nituen, ertzak arrailduta eta berdindu gabe utzi arte. Nire bila zetozen gizonek ez zuketen xehetasunik galduko. Lokarri bat apurtu nuen, eta berriro lotu nuen korapilo trakets batez; bestea askatu nuen, galtzerdi gris eta lodia agerian uzteko. Momentuz, ez zen errepidean ezer ikusten. Aski seguru, ordu-erdi lehenago ikusi nuen autoa etxerantz zihoan. Mozorroa osatu eta gero, gurdia hartu nuen eta ehun metrora zegoen harrobira joan-etorriak egiten hasi nintzen. Gogoratzen dut Rhodesian ezagutzen nuen esploratzaile zahar batek –bere garaian ezohiko gauza asko egin zituenak– esan zidala plantak ondo egiteko pertsonaiaren paperean benetan barneratu behar dugula. Ezinezkoa zen rola ondo egitea pertsonaia hori gu geu ginela sinetsi ezean. Hortaz, nire pentsamenduak itzali nituen eta errepideen konponketa-lanetan kontzentratu nintzen. Etxola zuri txikia nire etxetzat hartu nuen; Leithen Waterren abeltzain eman nituen urteak gogora ekarri nituen; neure burua ohe txiki batean gozo-gozo lo egiten imajinatu nuen, whiski-botila merke baten ondoan. Ez zen ezer agertu errepide zuri luzean. Noizean behin, ardiren bat txilarretik ateratzen zen eta begira geratzen zitzaidan. Lertxun bat zegoen errekan eta putzura jaitsi zen arrainak harrapatzera; baina ez zidan kasu txikienik ere egin. Jarraitu nuen harri-zama handiak eramaten, profesional baten pauso astunekin. Laster berotu nintzen eta aurpegian nuen hautsa benetako zikintasun bihurtu zen. Zenbatzen hasi nintzen zenbat ordu falta ziren Turnbull jaunaren lan monotonoari amaiera emateko. Bat-batean, errepidetik, ahots garbi batek hitz egin zidan. Altxatu nintzen eta Ford txiki bat ikusi nuen, baita onddo-kapela zeraman aurpegi biribileko gazte bat ere. —Alexander Turnbull al zara? —galdetu zidan—. Konderriko Errepide Gainbegirale berria naiz. Blackhopefooten bizi zara eta Laidlaw-byresetik Riggserainoko zatia zurea da? Ederki! Errepide ona da, Turnbull, eta ondo diseinatua. Kilometro eta erdira, bigun samar dago eta ertzak garbitu behar dira. Hori egin beharko duzu. Egun on. Ikusten nauzun hurrengoan, ezagutuko nauzu. Argi zegoen mozorroa gainbegirale beldurgarriarentzat nahikoa zela. Lanarekin jarraitu nuen eta, goiza eguerdi bihurtzen ari zela, zirkulazio pixka batek alaitu zuen giroa. Okin baten furgonetak muinoan gora egin zuen eta poltsa bat jengibre-galleta erosi nuen; praketako sakelan gorde nuen larrialdietarako. Une hartan, artzain bat agertu zen, ardiekin batera, eta aztoratu egin ninduen ozen galdetuz: —Speckyri zer gertatu zaiok? —Ohatzean duk, marranta ederra bildurik —erantzun nion, eta artzainak aurrera jarraitu zuen… Eguerdi aldera, auto handi batek muinoan behera egin zuen, nire ondoan lasai pasatu zen eta, ehun eta berrogei bat metro aurrerago, gelditu egin zen. Hiru bidaiari jaitsi ziren, nagiak ateratzeko itxurak egiten, eta niregana etorri ziren lasai. Haietako bi Gallowayko ostatuko leihotik ikusi nituen: bata argala, zorrotza eta iluna; bestea lasaia eta irribarretsua. Hirugarrenak landako gizonen itxura zuen, albaitaria izan zitekeen, beharbada, edo baserritarra. Gaizki egindako bonbatxoak zeramatzan eta begiak oilo batenak bezain distiratsuak eta mesfidatiak. —Egun on —esan zidan azkenak—. Lan erraza duk hirea. Hurbiltzen ari zirela ez nien begiratu, eta orain, niri hitz egin ondoren, motel eta min handiz, bizkarra altxatu nuen, bide-langile batek egingo lukeen gisa. Gogoz, listua bota nuen, eskoziar baldarrek egiten duten modura, eta irmo begiratu nien erantzunik eman baino lehen. Ikusten nituen sei begiek ez zuten ezer galtzen. —Lan hau baino pisuagoak badira, baita hobeak ere —serio esan nien—. Nahiago nikek zuen lana ukan, eta egun osoa ipurdia kuxin horien gainean jarririk ukan. Zuek eta zuen auto handiek nire errepideak funditzen dituzue! Gauzak zuzenak balira, funditzen duzuena konpondu beharko zenukete. Begi distiratsuak zituenak Turnbullen fardelaren ondoan zegoen egunkariari begiratu zion. —Egunkariak tenoreko errezibitzen dituk, ezta? —esan zidan. Lasai begiratu nion. —Bo, tenoreko. Egunkari hori joan den larunbatean atera zutela ikusirik, sei egun berantean baino ez nauk. Hartu zuen, data irakurri zuen, eta han utzi berriro. Beste batek nire botak ikusi zituen, eta hitz egiten ari zenari begiratzeko esan zion alemanez. —Botetarako gustu fina duk —esan zidan—. Ez zitian kanpañako zapatagin batek egin, ez. —Segur duk —arin erantzun nion—. Londresen egin zitiztean. Iaz ihizira jin zen jaun batek eman zizkidaan. Zein zuan haren izena? —Buruan hatz egin nuen, memoria deika bezala. Argalak alemanez hitz egin zuen berriro. —Jarrai dezagun —esan zuen—. Gizon hau garbi dago. Azken galdera bat egin zidaten. —Goiz goizean, hemen norbait ikusi duk? Bizikletaz edo oinez jinen zuan. Tranpan erori nintzen ia, eta egunsenti grisean txirrindulari bat azkar pasatu zela esan. Aitzitik, arriskuari garaiz antzeman nion. Sakon pentsatzen aritzearen plantak egin nituen. —Ez nauk biziki goiz iratzarri —esan nien—. Gauza duk barda alaba ezkondu zela, eta berant oheratu ginela. Etxeko atea zazpiak irian ireki nian eta orduan ez zagoken nehor errepidean. Orduz geroztik, okina, Ruchilleko artzaina eta zuez gain, ez duk nehor hona jin. Haietako batek zigarro bat eman zidan eta, kontuz usaindu ondoren, Turnbullen fardelean sartu nuen. Autoan sartu ziren eta, hiru minutu geroago, bistatik desagertu. Bihotzean arindura itzela sentitu nuen, baina harriak garraiatzen jarraitu nuen. Eskerrak, hamar minutu geroago autoa itzuli baitzen, eta bidaiari batek eskuz agurtu baininduen. Jende horrek ez zuen ezer zoriaren mende uzten. Turnbullen opilak eta gazta bukatu nituen eta, laster, harriak ere bai. Ondoren ez nekien zer egin behar nuen. Ezin nuen errepidea konpontzen luze jarraitu. Jainko errukitsu batek Turnbull jauna etxe barruan mantendu zuen; baina, agertuz gero, arazoak izango nituzkeen. Irudipena nuen lerro estu zegoela haranaren inguruan eta, edozein norabidetan ibiliz gero, galderak egingo zizkidaten. Hala ere, atera egin behar nuen. Ez dago espioien begiradapean lasai egon daitekeenik egun bat baino denbora luzeagoz. Lanpostuan, bostak arte geratu nintzen. Ordurako, erabakia nuen iluntzean Turnbullen etxolara joango nintzela eta, gauean, muinoak gurutzatzen saiatuko nintzen. Baina, bat-batean, beste auto bat errepidean gora agertu zen eta niregandik metro batera edo bi metrora gelditu zen. Haize freskoa zebilen eta bidaiariak zigarroa piztu nahi zuen. Turismoa zen eta maletategia fardelez beteta zeukan. Gizon bat zegoen barruan eta, kasualitate itzelez, ezagutzen nuen. Marmaduke Jopley zuen izena eta iraina zen kreaziorako. Broker odol zurrupatzailea zen. Oinordekoak, aristokrata gazteak eta emakume zahar tuntunak limurtzen zituen. “Marmie” oso ezaguna zen, antza denez, dantzaldietan, polo-partidetan eta opor-etxeetan. Bazekien zurrumurruak trebetasun handiz hedatzen eta edozein tituludun edota aberatsengana katuka hurbil zitekeen. Londresera iritsi nintzenean, haren enpresa ezagutzera eraman ninduten eta, jator-jator, haren klubean afaltzera gonbidatu ninduen. Han, bere burua nabarmentzen aritu zen eta dukesen gainean hitz egin zuen, haren esnobismoak zorabiatu ninduen arte. Gero, beste bati galdetu nion zergatik ez zuen inork jipoitzen: esan zidan ingelesek sexu ahula errespetatzen dutela. Nire aurrean zegoen orduan, dotore jantzita eta auto eder berri batean, lagun elegante batzuei bisita egiteko bidaian, ziur aski. Bat-batean erotu egin nintzen, autoan sartu nintzen saltoka eta sorbaldatik heldu nion. —Kaixo, Jopley —esan nion—. Aspaldiko partez, motel! Beldurtu zen oso. Niri begiratu, eta ahozabalik geratu zen. —Nor demontre zara? — esan zidan kostata. —Hannay dut izena —erantzun nion—. Rhodesiakoa, gogoratzen? —Jainkoarren, hiltzailea! — esan zuen itota. —Horixe. Eta, adiskide, esaten dizudana egiten ez baduzu, bigarren hilketa bat izango dugu. Eman iezadazu beroki hori, baita txanoa ere. Esan niona egin zuen, beldurrez itsututa zegoen eta. Nire praka zikinaren eta alkandora arruntaren gainean, haren beroki dotorea jantzi nuen: botoiak goraino iristen ziren eta, horrela, nire lepokoaren gabeziak ezkutatzen zituen. Txanoa buruan jarri nuen eta eskularruak gehitu nizkion mozorroari. Minutu batean, hautsez betetako bide-langilea Eskoziako gidari txukun bilakatu zen. Jopley jaunari Turnbullen txano aipaezina jarri nion buru gainean, eta jarrita uzteko esan. Orduan, zailtasunez, autoa biratu nuen. Nire plana zen hura etorritako errepide beretik itzultzea: zelatariek, autoa lehendik ikusia zutelako, seguruenik ezer esan gabe pasatzen utziko zioten, nahiz eta Marnieren gorpuzkera nirearen modukoa ez izan. —Eta orain, txiki —esan nion—, geldirik egon eta ondo portatu. Ez dizut kalterik egingo. Ordubetez edo biz autoa hartuko dizut, gehiagorik ez. Baina zer edo zer egiten baduzu eta, batez ere, ahoa irekitzen baduzu, Jainkoak daki lepoa moztuko dizudala. Ulertzen? Iluntze horretako bidaiarekin, gozatu egin nuen. Haranean, hamabost kilometro egin genituen, herrixka pare bat gurutzatu, eta itxura bitxiko pertsona batzuk ikusi nituen bideen ertzetan. Zelatariak izango ziren eta ni beste mota bateko arroparekin edo beste konpainia batekin ikusiz gero, gauza asko esango zizkidaten. Aitzitik, gauzak horrela, jakin-minik gabe begiratu zidaten. Batek begirunez ukitu zuen txanoa, eta nik, heziera onez, erantzun egin nion. Iluntzen ari zela, haran txiki batean sartu ginen. Mapatik gogoratzen nuen biztanleria gutxiko muino batzuetara joaten zela. Laster, herrixkak atzean utzi genituen, gero etxaldetxoak eta, azkenean, bide ertzetan zeuden etxolak. Gero, landa bakarti batera iritsi ginen; gauak lokatz-putzuen ilunabarreko distira iluntzen zuen. Gelditu egin ginen eta nik, adeitsu, autoa biratu eta Jopley jaunari gauzak itzuli nizkion. —Mila esker —esan nion—. Uste nuen baino gehiagorako balio duzu. Eta, orain, zoaz poliziarengana. Muino hartan eseri nintzen, autoaren atzeko argiak desagertzen ikustera, eta pentsatzen hasi nintzen zenbat delitu-mota probatuta neuzkan. Gehienen ustearen aurka, ez nintzen hiltzailea; baina izugarrizko gezurtia bihurtua nintzen, baita iruzurti lotsagabea eta auto garestiak maite zituen bide-lapurra ere. 6 - Arkeologo burusoilaren abentura Malda hartako ordekatxo batean igaro nuen gaua, harri batek babestuta, non txilar luze eta leuna hazten baitzen. Gau hotza zen eta ez nuen jakarik, ezta txalekorik ere. Turnbull jaunak zituen jantziak, baita Scudderren liburuxka, nire ordularia eta, okerrena, nire pipa eta tabako-kutxa ere. Dirua baino ez nuen gerrikoan, eta berrehun bat gramo jengibre galleta. Galleten erdia afaldu nuen eta, txilarretan sakon murgilduta, berotasun pixka bat lortu nuen. Animatuta nengoen eta ezkutaketa-jolas ero horrekin gozatzen hasia nintzen. Ordura arte izandako zorte ona miraria izan zen. Esneketaria, ostalari literarioa, Sir Harry, errepide-langilea, Marmie memeloa… merezi ote nuen hain zorte ona? Hasieran izandako arrakasta horrek sentiarazi zidan helburua lortuko nuela. Arazo nagusia zen oso gose nintzela. Cityn aberats batek bere buruaz beste egiten duenean, egunkariek jakinarazten dute hildakoa “ondo elikatua” zegoela. Gogoratzen dut pentsatu nuela lokatz-zulo batean hilko banintz ez ninduketela ondo elikatutzat hartuko. Etzanda, nire burua torturatu nuen Londresen horren gutxi estimatu nuen janari onaren memoriarekin. Jengibre galletek barruko zuloa handitu baino ez zuten egin. Paddockek prestatzen zituen saltxitxa kirrikatsuak, usain oneko hirugihar zati finak eta ur irakinetan egindako arrautza ederrak. Zenbat aldiz muzin egin nien! Klubean egiten zituzten txuletak eta hestebeteen mahaian egoten zen urdaiazpiko hura… nire arima haien irrikan zegoen. Elikagai guzti-guztiekin gogoratzen nintzen eta, azkenean, parrillan egindako xerra eta litro bat garagardo aukeratu nituen eta, azkenbururako, welsh rabbit. Ezinezko plazer horien grinaz, loak hartu ninduen. Egunsentitik ordubete igarota zegoela, hotzak hilik eta zurrun esnatu nintzen. Une bat behar izan nuen non nengoen gogoratzeko, bezperan oso nekatuta bainengoen eta sakon egin bainuen lo. Lehen orduko zeru urdin argia ikusi nuen txilarren azpitik, gero muino baten profila eta, azkenean, nire botak ahabia-zuhaixka baten azpian, txukun-txukun. Besoen gainean bermatuta altxatu nintzen eta goitik begiratu nion haranari. Ikusi nuenak lokarriak abiadura eroz lotarazi zidan. Behealdean, gizon batzuk zeuden. Nigandik laurehun metrora baino ez zeuden, muino gainean haize-errotak bezala sakabanatuta eta txilarrak kolpez joka. Marmiek ez zuen bere mendekua lortzeko itxaron. Ordekatxo horretatik, katuka atera nintzen arroka batek ezkutatuta eta sakonera txikiko lubaki batean zehar sartu nintzen, hura mendian gora joaten zen. Erreka baten trokara iritsi nintzen eta gailurrera igo nintzen, baldarki. Hortik, atzera begiratu nuen eta ikusi nuen momentuz ez nindutela ikusia. Nire atzetik zetozenak kontu handiz miatzen ari ziren aldapa eta gora zihoazen. Zeruertzaren atzetik, zortzi ehun bat metroz egin nuen korrika, ustez haranaren lekurik altuenaren gainera iritsi arte. Orduan, agerian geratu nintzen eta, berehalakoan, nire harrapatzaileetako batek ikusi egin ninduen eta bestei jakinarazi zien. Behetik zetozen oihuak entzun nituen eta ikusi nuen bilaketak norabidea aldatu zuela. Gailurretik atzera joateko keinua egin nuen, baina, horren ordez, etorri nintzen bidetik itzuli nintzen eta, hogei minutu geroago, lo egin nuen lekuaren gainean nengoen. Talaia hartatik, kontent ikusi nuen ehiza-taldea haranaren goialdean azkar joaten ari zela, arrasto faltsuaren atzetik. Aurrean, hainbat bide nituen aukeran, eta gailur harekin angelua egiten zuen beste gainalde bat hartu nuen. Horrela, etsaien eta nire artean, haran sakona izango nuen. Antza, mugitzeak odola berotu zidan eta primeran pasatzen ari nintzen. Gelditu gabe, geratzen zitzaizkidan jengibre-galleta hautseztatuak gosaldu nituen. Inguruaren gainean, oso informazio gutxi nuen eta ez nekien zer egin behar nuen. Nire hanken indarrez fidatzen nintzen, baina nire atzetik zetozenek ingurua ondo ezagutuko zuten eta nire ezjakintasuna oztopo handia izango zen. Aurrean, amaigabeko gainak ikusten nituen. Hegoalderantz, altuera askoz handiagokoak ziren, baina iparralderantz gailurrak zabalak ziren, sakonera txikiko haran zabalek banatuta. Ikusten nuenarengatik, gutxi gorabehera bi kilometrora, aukeratutako gailurrak behera egiten zuen eta han landa bat zegoen, haran arteko sakela bat balitz bezala. Beste edozein norabide bezain ona zirudien. Nire amarruak abantaila ona eman izan zidan —hogei bat minutu—, eta haran oso baten zabalera nuen atzean, harrapatzaileen buruak ikusi arte. Argi zegoen poliziak bertakoen laguntza eskatu zuela eta ikusten nituen gizonek artzainak edota basozainak ziruditen. Ikusi nindutenean, oihu egin zuten eta esku batekin agurtu nituen. Haietako bi haranean barneratu ziren eta nire gailurrera igotzen hasi ziren; besteak euren lekuan geratu ziren. Harrapaketa-jolasean dabiltzan eskola-umeen gisara genbiltzan. Hala ere, laster galdu zuen jolas itxura. Nire atzetik zeuden gizonak indartsuak ziren, tokikoen tankeran. Atzera begiratu nuen, eta hiru bakarrik zetozen nire atzetik zuzenean; ziur aski, besteek zirkuitu bat egingo zuten, niri bidea mozteko. Ingurua ez ezagutzeak hondamena ekar zidakeen eta erabaki nuen haran-korapilo hartatik atera behar nuela, eta landa-sakelan sartu. Distantzia nahikoa handitu behar nuen haiek gainetik kentzeko eta uste nuen, inguru egokia aurkituz gero, lor nezakeela. Zuhaitz batzuk aurkitu izan banitu, horietan ezkutatzen saiatuko nintzatekeen; baina, aldapa biluzi horietan, euli bat kilometro batera ikus zitekeen. Itxaropena hanken luzeran eta arnasaren indarrean jarri behar nuen; baina, hori egiteko, lur errazagoa behar nuen, ez bainaiz mendizale petoa. Hego Afrikako poney on bat izango banu! Biziki bizkortu nuen erritmoa, gailurretik jaitsi nintzen eta landara iritsi nire atzeko zeruertzean inor agertu baino lehen. Erreka bat gurutzatu nuen eta errepide batera iritsi nintzen; bi haran lotzen zituen mendate bat osatzen zuen. Nire aurrean, txilardi handi bat zegoen, zuhaitz zaharrez zipriztindutako gailurrean gora zihoana. Errepide ondoko hesian, ate bat zegoen eta, hortik, belarrak estalitako bidexka batek landaren lehengo zatia gurutzatzen zuen. Hesiaren beste aldera salto egin, eta bideari jarraitu nion. Ehun metro ingurura, belarra desagertu zen, eta bidexka errepide ona bihurtu. Argi zegoen norbaitek zaintzen zuela. Ziur nengoen etxe batera helduko zela eta erabaki nuen ni ere etxe horretara joango nintzela. Ordura arte, zortea aldekoa izan nuen eta, beharbada, nire aukerarik onena urrutiko bizileku hori izango zen. Dena dela, zuhaitzak bazeuden eta, horiekin, ezkutatzeko aterpea ere bai. Ez nuen errepidetik jarraitu, eskuinetara zegoen erreka ondotik baizik. Garo altua hazten zen han eta, horrekin eta ibar garaiekin, nahiko holtz ona nuen. Erabaki ona izan zen: sakonunera iritsi bezain pronto atzera begiratu, eta jazarleak utzi berri nuen gailurra gurutzatzen ikusi bainituen. Horren ondoren ez nuen berriro atzera begiratu, ez nuen astirik. Erreka ondotik korrika abiatu nintzen, leku irekietan katuka eta, askotan, sakonera txikiko errekaren gainean. Etxola abandonatu bat aurkitu nuen, zohikatz-tontor zaharrez eta basati bihurtutako lorategi batez inguratua. Gero, belar berriaren artetik sartu nintzen eta, laster, haizeak zigortutako izeidi baten ertzera iritsi. Hortik, ehun bat metrora, kea zerien etxe baten tximiniak ikusi nituen ezkerretara. Errekatik urrun nintzen, beste hesi batean gora jauzi eta, konturatu baino lehen, belardi latz baten gainean nengoen. Atzera begiratuz ikusi nuen jazarleen bistatik kanpo nengoela. Momentuz, ez zuten landaren lehenbiziko igoera gainditu. Belardia oso leku latza zen. Igitai batekin moztuta zegoen, makina erabili ordez, eta narriatutako errododendroak zituen parterretan. Hegazti beltz pare bat —ezohikoak lorategietan— ni hurbiltzearekin aireratu ziren. Aurrean nuen etxea landako etxalde ohikoa zen, baina karez zuritutako hegal handiustea gehitua zioten. Hegal horri kristalezko karrerape bat jarri zioten, eta, kristaletik, lasaitasunez niri begira zegoen gizon adinduna ikusi nuen. Mendiaren legar latzezko ertza gurutzatu nuen eta irekita zegoen karrerapearen atetik sartu nintzen. Barruan, gela atsegin bat zegoen: alde bat kristalezkoa zen eta, bestean, milaka liburu zeuden. Barrualdeko beste gela batean, beste liburu batzuk zeuden. Zoruaren gainean, mahiaren ordez, museoetan ikusten diren erakusketa-kutxak zeuden, txanponez eta harrizko gailu bitxiez beteta. Gelaren erdian, belaunentzako hutsunea zuen idazmahai bat zegoen eta, zenbait paper eta irekitako liburukiak aurrean zituela, borondate oneko gizon adinduna. Aurpegia biribila eta distiratsua zuen, Pickwick jaunaren antzera, eta betaurreko handiak zituen sudur-muturrean. Buruaren gainazala beirazko botila bat bezain distiratsu eta biluzia zuen. Sartu nintzenean, ez zen batere-batere mugitu; baina bekain lasaiak altxatu zituen eta nire hitzen zain geratu zen. Bost minutu baino ez nituen ezezagun bati nor nintzen eta zer behar nuen azaltzeko, eta hori ez zen erraza. Ez nintzen saiatu ere egin. Aurrean nuen gizonaren begiak hain ziren zuhur eta jakintsu, ezen ezin bainuen hitzik ere aurkitu. Hari begira geratu nintzen eta totelka hasi nintzen. —Badirudi presaka zabiltzala, lagun hori— esan zidan astiro. Leihora begiratzeko keinua egin nion buruarekin. Zuhaitz arteko hutsune batetik, landa ikusten zen eta han, zortziehun bat metrora, zenbait gizon txilarren erditik hurbiltzen. —A, ulertzen dut —esan zidan eta prismatikoak hartu zituen pertsona horiek pazientziaz aztertzeko. —Justiziatik ihesi zabiltza, orduan? Bueno, horren gainean lasai hitz egingo dugu. Momentuz, ez zait ondo iruditzen mendialdeko polizia traketsek nire pribatutasuna apurtzea. Liburutegian sartu eta, parean, bi ate ikusiko dituzu. Ezkerrekoan sartu eta zure atzetik itxi. Erabat seguru egongo zara. Eta aparteko gizon hark idazluma hartu zuen berriro. Esan zidana egin nuen eta gela txiki batean sartu nintzen. Gai kimikoen usaina zegoen eta argia hormako goialdean zegoen leihotik sartzen zen bakarrik. Atea nire atzetik itxi zen, klik batekin, kutxa gotor baten antzera. Berriro ere, espero ez nuen babesleku bat aurkitu nuen. Hala ere, ez nengoen eroso. Jaun zaharrak bazuen harritzen eta hein batean beldurtzen ninduen zerbait. Lasaiegi eta prestuegi zegoen, nire zain egon balitz bezala kasik. Eta begi azkar horiek izutzekoak ziren. Leku ilun horretan ez nuen soinurik entzuten. Nik nekiela, bazitekeen polizia etxea aztertzen aritzea eta, hala izanez gero, atearen atzean zer zegoen jakin nahiko zuketen. Saiatu nintzen pazientzia izaten eta nire gose biziaz ahazten. Orduan, jarrera baikorragoa hartu nuen. Jaun zaharrak nekez ukatuko zidakeen otordu bat. Hirugiharrarekin eta arrautzekin nahiko izango nukeen, baina kilo bat hirugihar eta berrogeita hamar arrautza beharko nituzkeen. Otorduarekin pentsatzen ahogozoa egiten zitzaidala, klik bat entzun nuen eta atea ireki zen. Eguzki-argitara atera nintzen eta etxeko jabea besaulki sakon batean eserita aurkitu nuen, liburutegi esaten zion horretan niri so, begiak jakin-minarekin distiratsu. —Joan egin dira? — galdetu nion. —Joan dira, bai. Mendia zeharkatu duzula sinetsarazi diet. Ez dut gustuko polizia nire eta ohore handiz hartu nahi dudan pertsona baten artean sartzea. Zorte handiko goiza da hau zuretzat, Richard Hannay jauna. Hitz egiten zuela, betazalek dar-dar egiten zioten eta begi gris zorrotzak erdi estaltzen zituzten. Tupustean, Scudderren esaldi batekin gogoratu nintzen. Munduan gehien izutzen zuen gizona deskribatzen ari zenean, honela esan zidan: “Begiak belatz batek bezala ezkuta zitzakeela”. Orduan, ulertu nuen etsaiaren egoitzan sartu nintzela. Gaizkile zaharra itotzea eta kanpora abiatzea izan zen nire aurreneko ideia. Nire asmoari aurrea hartu zion, ordea. Irribarre txikia zuen, eta, buruarekin, nire atzean zegoen ate aldera egin zuen keinu. Bira egin nuen eta pistolaz hornitutako bi zerbitzari ikusi nituen. Bazekien nire izena, baina ez ninduen aurretiaz inoiz ikusi. Horrekin konturatu nintzenean, aukera txiki bat ikusi nuen. —Ez dakit zer esan nahi duzun —esan nion haserre—. Zein da Richard Hannay hori? Nire izena Ainslie da. —A, bai? —esan zidan, irribarrea galdu gabe—. Eta beste izen batzuk ere badituzu. Baina ez dugu horri buruz eztabaidatuko. Lasaitasuna berreskuratzen hasi nintzen, eta ohartu nintzen arropak ez ninduela salatuko, jakarik, txalekorik eta lepokorik ez bainuen. Amorru aurpegia jarri nion, eta sorbaldak jaso nituen. —Beraz, azkenean, poliziara bidaliko nauzu eta zikin jokatzea da hori. Arraioa, auto hori ikusi nuen unea madarikatzen dut! Hartu dirua eta zoaz pikutara! —eta lau libera bota nituen mahai gainera. Begiak ireki zituen pixka bat. —Ez, ez, ez zaitut entregatuko. Nire lagunek, zuk eta laurok akordio pribatu bat egingo dugu, hori da dena. Gehiegitxo dakizu, Hannay jauna. Antzezle bizkorra zara, baina ez da nahikoa. Ziurtasunez hitz egin zuen, baina zalantza bat sortzen ari zitzaiola ikusi nuen.—Jainkoarren, utzi hitz egiteari behingoz —oihu egin nion—. Den-dena nire aurka dago. Leithen lurreratu nintzenetik, ez dut zorte izpirik ere izan. Horren txarra al da gosez dagoen gizajo batek suntsitutako auto batetik dirua hartzea? Horixe da nik egin dudan gauza bakarra eta horregatik polizia malapartatu horiek nire atzetik ibili dira azken bi egunotan, mendian gora, mendian behera. Nazkatua nago, bai horixe. Nahi duzuna egin, agure! Ned Ainsliek ez du borrokan jarraitzeko gogorik. Zalantza handitzen ari zitzaiola ikusi nuen. —Mesede bat, kontatuko didazu zer egin duzun azken egunotan? —galdetu zidan. —Ezin dut, jauna —erantzun nion gizajo baten ahots kexatiarekin—. Bi egunotan ez dut ezer jan. Jateko pixka bat eman, eta benetako egia entzungo duzu gero. Ziurrenik, gosea aurpegian nabaritzen zitzaidan, atarian zeuden gizonetako bati seinale bat egin baitzion. Haragi-pastel zati hotz bat eta edalontzi bat garagardo ekarri zituen, eta txerri baten modura irentsi nituen, edo, hobeto esanda, Ned Ainsliek egingo lukeen eran, paper hori bete egin behar nuen eta. Otorduaren erdian, bat-batean, alemanez hitz egin zidan eta zur eta lur geratu izan banintz bezala begiratu nion. Orduan, nire istorioa kontatu nion. Archangel itsasontzitik Leithen lurreratu nintzela zuela astebete, eta anaiarengana abiatu, Wigtownera. Oso diru gutxi nuen —parranda egin nuela eman nion aditzera— eta, ia sosik gabe bidean nengoela, hesi batean zuloa aurkitu eta, handik, auto handi bat ikusi nuen errekan. Gertatutakoa ikustera gerturatu nintzen eta hiru libera aurkitu nituen aulkiaren gainean, eta beste bat, zoruan. Ez zegoen inor, ezta jabearen seinalerik ere; beraz, dirua sakelaratu nuen. Baina polizia nire atzetik hasi zen nonbait. Okindegi batean libera bat aldatzen saiatu nintzenean, emakumeak poliziari deitu zion eta, hortik pixka batera, aurpegia erreka batean garbitzen ari nintzela, harrapatzeko zorian egon ziren, eta, ihes egiteko, jaka eta txalekoa han utzi behar izan nituen. —Dirua har dezatela! —oihu egin nuen—. Niri ez dit ezer onik ekarri. Madarikatu horiek gizon gaixo bati jazartzen ari zaizkio. Zuk liberak aurkitu izan bazenitu jauna, inork ez lizuke arazorik sortuko. —Gezur-kontalari ona zara, Hannay —esan zidan. Neure onetik atera ninduen. —Txantxekin nahikoa da, demontre! Izena Ainslie dudala esan dizut eta bizitza osoan ez dut Hannay izenekorik ezagutu. Nahiago nuke polizia zu eta zure Hannaytarrak eta pistoladun tximino horiek baino. Ez, jauna, barkatu, ez nuen hori esan nahi. Janaria asko eskertzen dizut eta, orain, nire atzetik datozenek alde egin dutenez, eskertuko dizut joaten uztea. Argi zegoen ez zekiela zer egin. Kontua zen ez ninduela inoiz ikusi eta, segur aski, argazkietako gizonak alde handia zuen une hartan aurrean zuenarekin, argazkirik ikusi bazuen noizbait. Londresen dotore jantzita joaten nintzen eta, orain, benetako eskalea ematen nuen. —Ez dut joaten uzteko asmorik. Esan duzuna egia bada, laster izango duzu hori baieztatzea. Baina nik uste dudana bazara, ez dut uste luze iraungo duzunik bizirik. Txirrina bat jo zuen eta hirugarren zerbitzari bat sartu zen karrerapetik. —Bost minutuan, Lanchester-a hemen nahi dut —esan zion—. Bazkaltzeko hiru izango gara. Orduan, irmo begiratu zidan eta hori izan zen probarik gogorrena. Zerbait bitxia eta maltzurra zuen begietan: hotza, gaiztoa, naturaz gaindikoa eta izugarri adimentsua. Suge baten begi distiratsuek bezala liluratzen ninduten. Gupida izateko erregutu eta haren aldeko bihurtuko nintzela ziurtatzekotan egon nintzen kasik. Afera horretan guztian nituen sentimenduak kontuan hartuta, bulkada erabat fisikoa izan behar zuen, espiritu sendoago batek liluratu eta menperatu duen burmuin baten ahulezia. Baina horri eusten lortu nuen, baita irribarre egiten ere. —Hurrengoan ezagutuko nauzu —esan nion. —Karl —atarian zeuden gizonetako bati alemanez hitz egin zion—, sartu gizon hau biltegian itzultzen naizen arte. Zure ardura izango da. Gelatik atera ninduten, pistola bat belarri bakoitzaren kontra nuela. Biltegia gela hezea zen, etxalde izandako eraikina. Zoru malkarraren gainean ez zegoen alfonbrarik eta, eskola-aulki bat izan ezik, ez zegoen non eseri. Ikatza bezain beltz zegoen, leihoak leiho-atez estalita zeuden eta. Ikusi nuen hormen kontra kutxak, upelak eta gauza astunez betetako zakuak zeudela. Lizunaren eta erabilera faltaren usaina nabaria zen. Kartzelariek giltzez itxi zuten atea eta kanpoan geratu ziren, ni zaintzeko, eta tarteka urratsak sumatzen nituen. Iluntasun heze hartan eseri nintzen, erabat ezkor. Agurea auto batean joan zen aurreko egunean elkarrizketatu ninduten gizonen bila. Haiek errepide-langilez mozorrotuta ikusi ninduten eta nitaz gogoratuko ziren arropa bera neramalako. Zertan ari zen errepide-langile bat lanpostutik hogei kilometrora, poliziak jarraituta? Galdera batek edo bik bide onean jarriko zituzten. Ziur aski, Turnbull jaunarekin egon ziren, baita Marmierekin ere. Sir Harryrekin ere lotuko ninduketen eta, orduan, dena argi baino argiago geratuko zatekeen. Zer aukera nuen landako etxe horretan, hiru gaizkilerekin eta haien zerbitzari armatuekin? Nostalgiaz, poliziarekin gogoratu nintzen; orain nire mamuaren atzetik ibiliko ziren mendietan zehar. Haiek, behintzat, aberkideak eta zintzoak ziren, eta haien errukia atzerritar krudelena baino gozoagoa litzateke. Dena dela, ez zidaketen entzungo. Betazal bereziak zituen deabru zaharrari ez zitzaion denbora luze kostatu haiek uxatzea. Bururatu zitzaidan harreman ilunen bat izango zuela polizia-gorputzarengan. Litekeena zen Gobernuko ministro batzuen gutunak izatea, esanez erabateko laguntza eman behar ziotela Erresuma Batuen aurkako azpijokoetan. Herrialde alai honetan, modu zentzugabe horretan egiten dugu politika. Hirurak bazkaltzeko itzuliko ziren eta, hortaz, itxaroteko bi ordu baino ez nituen. Hondamenaren zain nengoen, ez bainuen korapilo hartatik irteteko biderik ikusten. Scudderren ausardia izan nahi nuen: aitortuko dut ez nintzela oso indartsu sentitzen. Nire haserreak bakarrik eusten zidan zutik. Hiru espioi horiek irabaziko zidatela pentsatzeak sutan jartzen ninduen. Espero nuen gutxienez haietako baten lepoa bihurritzea haiek ni erail baino lehen. Zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta haserreago jartzen nintzen. Gelan atzera eta aurrera ibiltzen hasi nintzen. Leiho-ateak mugitzen saiatu nintzen, baina giltzaz itxita zeuden eta ezin nuen. Kanpoaldean eguzkipean zeuden oilo batzuen kakara ahula entzuten zen. Orduan, zakuen eta kutxen artean miatzen hasi nintzen. Ezin nituen kutxak ireki eta, itxuraz, zakuak txakur-galleten antza zuen kanela-usaineko zerbaitez beteta zeuden. Baina, gelan miatzen ari nintzela, horman eskuleku bat aurkitu nuen eta otu zitzaidan interesgarria izan litekeela hori aztertzea. Horma-armairu baten atea zen —Eskozian “press” deitzen dioten horietako bat—, eta giltzaz itxita zegoen. Astindu nuen eta bazirudien nahiko arina zela. Beste ezer egitekorik ez nuela, indarrak ate horren kontra kontzentratu nituen. Ateari hobeto heltzeko, galtza-uhalak lotu nizkion. Azkenean, zarata handi batekin ireki zen eta pentsatu nuen horrek kartzelariak ohartaraziko zituela eta etorriko zirela zer gertatu zen ikustera. Pixka batez itxaron ondoren, armairuko apalak aztertu nituen. Hainbat gauza bitxi zegoen. Praka baten sakeletan, pospolo batzuk aurkitu nituen eta haietako bat piztu nuen. Segundo bat geroago itzali zen, baina gauza bat erakutsi zidan. Apal batean, bazeuden linterna elektrikoak. Haietako bat hartu nuen eta bazebilen. Linternaz lagunduta, gela hobeki aztertu nuen. Bazeuden usain arraroak zituzten botilak eta kutxak, esperimentuak egiteko gai kimikoak, dudarik gabe; haril batzuk, baita kobrezko kable fina eta zetazko soka koipeztatu ugari ere. Kutxa bat detonagailuz beteta zegoen eta fusible soka asko zegoen. Apalaren atzealdean, kartoizko kutxa potolo bat aurkitu nuen eta, horren barruan, egurrezko kutxa bat. Kostata ireki nuen eta barruan dozena-erdi adreilu txiki gris zeuden, bakoitza hiru bat zentimetro karratukoa. Haietako bat hartu eta ohartu nintzen eskuan erraz birrindu zela. Orduan, usaindu eta mihiaz ukitu nuen. Gero, pentsatzera eseri nintzen. Ez nintzen meatzari-ingeniaria alferrik izan eta banekien lentonita zela. Adreilu horietako batekin, etxea infernura bidal nezakeen. Rhodesian erabili nuen eta haren indarra ezagutzen nuen. Arazoa zen nire jakintzak ez zirela zehatzak. Karga egokiak zenbatekoa behar zuen eta hura nola prestatu ahaztuta neuzkan; eta denborari zegokionez ere, zalantzak neuzkan. Indarraren gainean ez nuen oso ideia zehatzik; baliatua nuen bai, baina ez nuen nik neuk neure eskuekin maneiatu. Hala ere, irtenbide bat zen, eta nuen irtenbide bakarra, gainera. Bai, arriskua itzela zen; baina, bestela, etorkizun beltza baino ez zegoen. Erabiliz gero, banekien ehuneko laurogeiko probabilitatea nuela nire burua zuhaitzen goialdera bidaltzeko; baina, erabili ezean, ilundu baino lehen, lorategian lurperatuta egon nintzen, bi metroko zuloan. Horrela pentsatu behar nuen. Aurreikuspen biak txarrak ziren; baina bazegoen aukera bat, bai niretzat baita nire aberriarentzat ere. Scudderrekin gogoratzean, erabakia hartu nuen. Nire bizitzako momenturik txarrenetako bat izan zen, ez bainaiz batere ona erabakiak hotzetan hartzen. Aitzitik, bihotz hartu eta balentriari ekin nion, pentsamendu ezatseginak baztertuta. Burua hustu nuen eta nire baitari sinetsarazi nion su artifizialekin esperimentatzen dabilen umea nintzela. Detonagailu bat hartu, eta bost zentimetro fusiblea lotu nion. Orduan, lentonitazko adreilu-laurdena hartu nuen eta, atetik gertu, zaku baten azpian lurperatu nuen, zoruan zegoen zirrikitu batean. Detonagailua lotu nion. Ordura arte ikusitakoaren arabera, kutxa haien erdia dinamita izan zitekeen. Armairuan lehergai hilkorrak bazeuden, zergatik ez kutxetan? Horrela izanez gero, zerurako bidaia zoragarria izango nuen, baita zerbitzari alemaniarrek ere, eta inguruko landaren hektarea batek-edo. Beste arrisku bat ere bazegoen: eztandak armairuan zeuden beste adreiluak ere leherraraztea, alegia. Lentonitari buruzko ia dena ahaztuta neukan. Dena dela, aukera horien gainean pentsatzea ez zitzaidan komeni. Apustu txarra zen; baina onartu egin behar nuen. Leiho-ertz azpian ezkutatu nintzen, eta fusiblea piztu. Momentu batez itxaron nuen. Isiltasuna erabatekoa zen. Korridoreko bota astunak eta kanpoan eguzkipean zeuden oiloen kakara baino ez ziren entzuten. Jainkoari nire arima zaintzeko eskatu nion, eta neure buruari galdetu nion handik bost segundora non egongo ote nintzen… Zorutik bero-uhin izugarria igo, eta airean geldi geratu zen istant larri batez. Orduan, parean neukan hormak eztanda egin zuen, urre koloreko horia hartuta, eta burrunba izugarri batekin desegin zen. Zaratak burmuina astindu zidan, ahi bihurtu arte. Zerbait erori zitzaidan gainera, eta ezkerreko sorbaldaren gainaldea harrapatu. Eta uste dut orduan konortea galdu nuela. Horrek segundo batzuez baino ez zuen iraun. Ke hori eta trinkoak itotzen ninduen, baina lortu nuen zutik jartzea, hankapean nituen hondakinetan artean. Nire atzean, airea sentitu nuen. Leihozangoak erori egin ziren eta, zulo zakar horretatik, keak udaldiko eguerdia inbaditzen zuen. Ateburu apurtutik atera, eta patio batera iritsi nintzen, laino trinko eta garratz batez inguratuta. Gaixorik eta zorabiatuta sentitzen nintzen, baina gorputz-adarrak mugi nitzakeen eta itsumustuka aldendu nintzen etxetik. Patioko beste aldean, errota kanal labur batek egurrezko ubide batera ematen zuen eta horretan erori nintzen. Ur freskoak suspertu ninduen eta ihes egiteko buru nahikoa nuen. Kanalean, mugimendu txikiz ibili nintzen, lohi berde irristakorrean zehar, errotako gurpileraino iritsi arte. Orduan, ardatz zuloan zehar bultzatu nuen gorputza, errota zaharrean sartu nintzen, eta lasto gainean erori. Iltze batek praken atzealdea katigatu zuen, eta tweed zati bat utzi nuen. Errota aspaldi erabili gabekoa zen. Eskailerak urteengatik ustelduta zeuden, eta arratoiek zulo handiak egin zituzten ganbarako zoruan. Goragalea nuen, buruan, gurpil batek bira eta bira egiten zuen, eta ezkerreko sorbalda eta besoa paralizatuta neuzkan. Leihotik begiratu nuen. Etxea lainoz inguratuta zegoen, eta, goiko leiho batetik, kea ateratzen zen. Goiko Jauna! Etxeari sua eman nion, eta beste aldetik zetozen ahots nahasiak entzuten nituen. Baina ezin nintzen hor geratu, argi zegoen errota ez zela ezkutatzeko leku ona. Nire bila zebilen edozeinek kanalari jarraituko ziokeen eta, nire gorputza biltegian ez aurkitzean, bila hasiko ziren. Beste leiho batetik ikusi nuen errotatik harago harrizko usategi bat zegoela. Haraino iristea banuen, arrastorik utzi gabe, ezkutaleku ona izan zitekeen. Mugitzeko gai nintzela ustez gero, landetara joan nintzela ondorioztatuko zuten, eta han bilatuko ninduten. Apurtutako eskaileran behera joan nintzen motel eta, oinatzak estaltzeko, lastoa sakabanatu nuen nire atzean. Gauza bera egin nuen errotako zoruan, baita erlaitzean ere; atea banda apurtutik zintzilika zegoen han. Ezkutalekutik begiratu nuen eta ikusi nuen usategiaren eta nire artean zegoen lurra harzolaz eginda zegoela. Oinatzak ez ziren hor nabarituko. Gainera, errotari esker, ez zen etxetik ikusten.Tarte hori azkar gurutzatu nuen, usategiko atzealdera iritsi, eta nola igo aztertu nuen. Inoiz egin dudan lanik zailenetako bat izan zen. Sorbaldan eta besoan, izugarrizko mina nuen, eta hain nengoen gaixo eta zorabiatuta, ezen edozein unetan erortzeko zorian bainengoen. Baina nola edo hala lortu nuen. Aterata zeuden harri batzuk, hargintzaren zirrikituak eta huntz-sustrai gogor bat erabiliz, goraino iritsi nintzen. Karel txiki bat zegoen eta han etzan nintzen. Orduan, konortea galdu nuen pixkanaka, aspaldi egiten zen gisa. Esnatu nintzenean, burua sutan nuen eta eguzkia, begietan. Luze geratu nintzen mugitu gabe. Antza, ke nazkagarri horrek gorputz-adarrak ahuldu zizkidan, baita burumuina baldartu ere. Etxetik zetozen zaratak entzun nituen. Gizonak haserre hitz egiten ari ziren eta geldirik zegoen auto baten bibrazioari ere antzeman nion. Karelean zirrikitu txiki bat zegoen, mugimendu txikiez gerturatu nintzen eta, handik, patioaren zati bat ikus nezakeen. Gizon batzuk etxetik ateratzen ikusi nituen: burua bendaz lotuta zuen zerbitzari bat eta bonbatxoez jantzita zegoen gizon gazteago bat. Zerbaiten bila zebiltzan eta errotarantz joan ziren. Orduan haietako batek iltzean zegoen oihal-zatia ikusi zuen eta besteari oihu egin zion. Biak etxera itzuli ziren eta beste bi gizon ekarri zituzten oihala ikustera. Nire harrapatzaile ohiaren gorpuzkera biribila ikusi nuen, baita zizipaza egiten zuen gizona ere. Konturatu nintzen guztiek pistolak zituztela. Ordu-erdi igaro zuten errota arpilatzen. Handik entzun nuen upelak ostikoz bota eta ohol ustelduak nola altxatzen zituzten. Orduan, atera egin ziren eta usategiaren ondoan geratu, eztabaida garratz batean. Benda zuen zerbitzariari kargu hartzen ari zitzaizkion. Usategiko atea irekitzen saiatu zirela sumatu nuen eta, une txar batez uste izan nuen igoko zirela. Aitzitik, iritzia aldatu zuten eta etxera itzuli. Arratsalde sargori eta luze hura osoa teilatu gainean igaro nuen. Egarria izan zen torturarik handiena. Mihia idor-idorra nuen eta, hori gutxi balitz, errotako kanalaren uraren jario freskoa entzuten zen. Landatik zetorren erreka txikiari begiratu nion eta, nire buruan, haranaren goialderaino jarraitu nion. Han, iturri izoztu batetik aterako zen, garoz eta goroldioz inguratuta. Mila libera eman izango nituzkeen aurpegia iturri horretan murgiltzearen truke. Landa guztia ondo ikusten nuen. Autoa eta bi bidaiariak azkar aldendu ziren eta gizon bat ekialderantz abiatu zen, poney baten gainean. Nire bila zebiltzala pentsatu nuen eta bilaketa horretan zortea opa nien. Baina hori baino gauza interesgarriago bat ikusi nuen. Etxea gailur gainean zegoen ia eta hori baino lur altuagorik ez zegoen hamar kilometrora zeuden mendi handietaraino. Gailurra bera, lehen aipatu bezala, zuhaizti txikia zen. Gehienak izeiak ziren, lizar batzuk bazeuden, baita pagoak ere. Usategi gainean, zuhaitzen goialdearen maila berean nengoen eta harago zegoena ikus nezakeen. Basoa ez zen trinkoa, eraztun bat baino ez zen, eta erdialdean belardi obalatua zegoen, kriket zelai baten gisakoa. Ez zitzaidan asko kostatu hori zer zen asmatzea. Aerodromo bat zen, aerodromo sekretua. Lekua adimen handiz aukeratu zuten. Inork hegazkin bat hemen lurreratzen ikusiz gero, pentsatuko zukeen zuhaitzetatik harago zeuden muinoetan gora joan zela. Lekua anfiteatro handi batean erdiko goialde baten gainean zegoenez, edozein lekutatik begiratuta ere, ondoriozta zitekeen muinoen atzean ikuspegitik atera zela. Oso gertu egon behar zuen batek konturatzeko ez zela muinoaren gainetik joan, baso erdian lurreratu baizik. Prismatikoak erabilita eta mendi altuago batean kokatuta ohar zitekeen norbait egiaz; baina artzainak bakarrik joaten ziren haraino eta artzainek ez dute prismatikorik eramaten. Usategitik begiratuta, urrunean, lerro urdin bat ikusten nuen, eta banekien hura itsasoa zela. Etsaiek talaia sekretu hura gure urei behatzeko erabiltzen zutela pentsatze hutsak haserrarazten ninduen. Orduan konturatu nintzen hegazkina itzuliz gero, aukera handia zegoela ni aurkitzeko. Beraz, arratsaldean etzanda geratu nintzen eta ilunabarra noiz etorriko zain gelditu nintzen. Eguzkia mendebaldeko mendien atzetik jaitsi eta landara iluntzea iritsi zenean, poztu egin nintzen. Hegazkina berandu zetorren. Ilunabarra aurreratuta zegoen hegazkina entzun nuenean. Motorra itzalita, baso erdiko argigunera planeatu zuen. Argi batzuk ikusi ziren tarte batez eta etxean joan-etorri ugari izan ziren. Orduan, erabat ilundu zuen eta isilpean geratu zen dena. Eskerrak gau iluna zen. Ilbehera zegoen eta ilargia ez zen berandura arte aterako. Egarriak ez zidan itxaroten uzten eta, beraz, bederatziak aldera jaisten hasi nintzen. Ez zen erraza eta erdibidean nengoela entzun nuen etxeko atzeko atea ireki zela, baita linterna baten argia errotako horman ikusi ere. Minutu mingarri batzuez, huntzetik zintzilik egon nintzen, eta erregutu nuen pertsona hori usategira ez etortzeko. Orduan, argia aldendu zen, eta ahal nuen bezain isilik, nire burua erotzen utzi nuen patioko lur gogorraren gainean. Sabel gainean arrastaka harrizko hesi baten estalpean barna joan nintzen etxea inguratzen zuten zuhaitzen ingurunera iritsi arte. Nola egin jakinez gero, hegazkina zapuzten saiatuko nintzatekeen; baina konturatu nintzen halako edozein saiakera alferrikakoa izango zela. Nahiko ziur nengoen etxe inguruan defentsa-motaren bat egongo zela eta, ondorioz, basoa katuka gurutzatu nuen, bidearen zentimetro guztiak aztertuz. Eskerrak horrela ibili nintzen, lurretik hirurogei bat zentimetrora kable bat aurkitu bainuen. Horrekin estropezu egin izan banu, ziur aski, etxe barruan txirrinen bat joko zukeen eta horrek salatuko nindukeen. Ehun bat metro harago, beste kable bat aurkitu nuen. Trebetasun handiz, erreka txiki baten ertzean zeukaten jarrita. Harago, landa zegoen, eta, bost minutu geroago, garoz eta txilarrez inguratuta nengoen. Laster, gailurrera igo, eta errotako kanala elikatzen zuen ibar txikian nintzen. Handik hamar minutura, aurpegia iturrian sartuta neukan eta litroka irentsi nuen ur zoragarri hura. Baina ez nintzen gelditu bizileku madarikatu horretatik hamar bat kilometrora egon arte. 7 - Errekako arrantzalea Gailur baten gainean eseri nintzen, eta nire egoera analizatu nuen. Ez nengoen oso pozik. Nahiz eta ihes egiten lortzegatik kontent egon,ondoez handia nuen gorputzean. Lentonita-keak zeharo pozoitu ninduen eta usategiko teilatuaren gainean emandako orduek ez zidaten mesederik egin. Buruko min izugarria nuen eta benetan gaixo sentitzen nintzen. Horrez gain, sorbalda gaizki nuen. Hasieran uste nuen ubeldura baino ez zela, baina hanpatzen ari zen, eta ezin nuen ezkerreko besoa erabili. Nire plana Turnbull jaunaren etxolara itzultzea zen. Han, nire arropa berreskuratuko nukeen eta, batez ere, Scudderren liburuxka. Gero, trenbidera abiatuko nintzatekeen eta hegoaldera itzuli. Sir Walter Bullivant, Kanpo Arazoetako Ministerioaren arduradun horrekin zenbat eta azkarrago harremanetan jarri, orduan eta hobeto. Ez nuen ikusten lortutako frogak baino gehiago eskuratzeko modurik. Nire istorioa sinetsiko zukeen edo ez eta, gertatzen zena gertatzen zela, harekin deabru alemaniar horiekin baino hobeto egongo nintzen. Polizia britainiarra jatortzat hartzen hasia nintzen. Gau izartsu ederra zen eta errepidea ez zen zaila. Sir Harryk erakutsitako mapari esker, ingurua pixka bat ezagutzen nuen eta hego-mendebaldera baino pixka bat mendebalderago joatea baino ez nuen. Horrela, errepide-langilea ezagutu nuen errekara iritsiko nintzen. Ez nituen bidaia horretan ikusitako lekuen izenak ezagutzen, baina uste nuen erreka horrek Tweed ibaiaren hasiera izan behar zuela. Kalkulatu nuen hogeita hamar bat kilometrotara nengoela eta, hortaz, ez nintzatekeen goizaldera arte iritsiko. Beraz, egun bat ezkutatuta eman beharko nuen. Nire itxura bitxiegia zen eguzkipean ibiltzeko. Ez nuen jakarik, txalekorik, lepokorik, ezta txanorik ere. Prakak zeharo urratuta neuzkan eta, eztandaren ondorioz, aurpegia eta eskuak belztuta neuzkan. Esan behar da bestelako erakargarririk ere banuela, begiak izugarri narritatuta nituela sentitzen bainuen. Oro har, ez nengoen herritar zintzoek errepidean ikusteko moduan. Egunsentia iritsi bezain pronto, muino gaineko erreka batean garbitzen saiatu nintzen eta gero artzain baten etxola batera hurbildu, janaria behar nuen eta. Artzaina ez zegoen eta emaztea bakarrik aurkitu nuen. Bizilagunik gertuena zortzi bat kilometrotara zegoen. Emakume zahar indartsua zen, baita ausarta ere. Ikusi ninduenean izutu zen arren, aizkora zuen eskura eta, maltzurra nintzela irudituz gero, erabiliko zukeen. Kontatu nion erori egin nintzela —ez nion azaldu nola— eta, itxurarengatik ikusi zuen nahiko gaixorik nengoela. Samariar hutsa zen aldetik, ez zidan galderarik egin. Katilu bat esne eman zidan, whiski pixka batekin, eta pixka batez sukaldeko sutondo ondoan esertzen utzi zidan. Sorbalda garbitu nahi zidan, baina hain minduta zegoenez, ez nion utzi. Ez dakit zertzat hartu ninduen. Beharbada, damututako etxe-lapurtzat. Izan ere, esneagatik ordaindu nahi izan nionean, libera bat eskaini nion —ez nuen hori baino txikiagorik—, eta hark buruarekin ezetz egin, "horretarako eskubidea zutenei eman" edo halako zerbait esan zidan. Horren kontra indartsu egin nion protesta eta, azkenean, zintzoa nintzela sinestarazi eta dirua onartu zuen. Horren truke, plaid berri bat eta senarraren txano zahar bat eman zizkidan. Plaida sorbalden inguruan nola lotu behar nuen erakutsi zidan eta, etxolatik atera nintzenean, Burns bardoaren olerki-liburuetan dauden ilustrazioetako eskoziar baten itxura nuen. Baina, edozein moduz, gutxi gorabehera jantzita nengoen, behintzat. Eskerrak, eguerdia baino lehen eguraldiak euri-jasa ekarri baitzuen. Errekaren bihurgune batean zegoen harkaitz bat hartu nuen babeslekutzat eta, garo zahar batzuekin, nahiko ohe ona prestatu. Gaua baino lehentxeagora arte lo egitea lortu nuen, baina, esnatu nintzenean, gorputza zurrun nuen eta gogo txarrez nengoen. Sorbaldako mina haginetako mina bat bezain latz zen. Emakume adinduak eman zizkidan olo-tarta eta gazta jan nituen eta, erabat ilundu baino lehen, berriz abiatu nintzen. Muino heze artean gau hartan igarotako miseriak labur kontatuko ditut. Ez zegoen izarrik norabidea ikusteko, eta maparen oroitzapenekin, ahal nuena egin behar nuen. Bitan galdu nintzen, eta zohikatzeko lokaztietan hainbatetan erori. Zuzen joanda, hamabost bat kilometro baino ez nituen egin behar baina, akatsen erruz, ia hogeita hamar egin nituen. Azken kilometroak hortzak estututa eta burua hutsik eta zorabiatuta egin nituen. Hala ere, lortu egin nuen eta egunsentia sartu berri zegoela, Turnbull jaunaren atea jo nuen. Lainoa trinkoa zen, eta etxolatik ezin nuen errepidea ikusi. Turnbull jaunak berak ireki zidan atea. Lasai zegoen eta mozkorrik ez. Ondo zaindutako traje zahar beltzaz jantzita zegoen eta bizarra moztuta zuen, bezperan asko jota. Ezkerreko eskuan, biblia txiki bat zeraman. Hasieran, ez ninduen ezagutu. —Nor haiz hi, igande goizean honat etortzeko? —galdetu zidan. Ahaztuta nuen zein egunetan bizi ginen. Beraz, horrela jantzita zegoen igandea zelako. Horren nuen zorabiatuta burua, non ezin bainuen erantzun koherente bat osatu. Orduan, ezagutu ninduen, eta ikusi zuen gaixorik nengoela. —Nire begi-lagunak ba ote dituk? —galdetu zidan. Praken sakelatik atera nizkion eta eman. —Paltoa eta barneko motzaren bila etorri haiz, bistan da —esan zidan. —Sartu, ba. Putxas, mutikoa, ze ahul dituan zangoak! Hago, aulki bat ekarriko diat. Jabetu nintzen malaria-krisi bat izango nuela. Barruan sukar handia nuen eta gau hezeak sorrarazi egin zidan. Horrek, sorbalda eta kearen eragina erantsita, nahiko gaizki sentiarazten ninduen. Konturatu baino lehen, Turnbull jauna arropa kentzen laguntzen ari zitzaidan eta sukaldeko hormetan zeuden bi armairu-ohetako batean sartu ninduen. Zailtasunetan, errepide-langile zaharra benetako laguna zen. Emaztea aspaldi hil zitzaion eta, alaba ezkondu zenetik, bakarrik bizi zen. Hamar egunez, behar nituen zaintza sinple guztiak eman zizkidan. Nik bakea nahi nuen sukarrak bere bidea egiten zuen bitartean. Azala berriz epeldu zitzaidanean, ikusi nuen krisialdiak sorbalda ere sendatu egin zuela, gutxi gorabehera. Dena dela, nahiko krisi latza izan zen eta, nahiz eta bost egun geroago ohetik atera, denbora gehiago behar izan nuen hankak bere onera bueltatu zitezen. Turnbill jauna goizero ateratzen zen, esnea uzten zidan eta atea giltzapetzen zuen. Iluntzean itzultzen zen eta isilik esertzen zen tximinia bazterrean. Inor ez zen etxolara hurbildu. Sendotzen ari nintzela, ez zidan galderarik egin. Batzuetan, bi egun lehenagoko Scotsman bat ekartzen zidan, eta ikusi nuen Portland Placeko Hilketari buruzko jakin-mina lasaitu egin zela. Ez zen aipatu ere egiten eta irakurtzeko ezer gutxi zegoen, Batzar Orokorra zeritzonari buruzko albisteak izan ezik. Ulertu nuenarengatik, eliz parranda edo horrelako bat zen. Orduan, egun batean, giltzaz itxitako tiradera batetik, nire gerrikoa atera zuen. —Sos anitz baduk, ezta? —esan zidan. —Hobe duk kondatzea, ea dena hor den. Ez zidan izena galdetu ere egin. Galdetu nion errepide-lanetan egindako saioaren ondoren norbait etorri zen galderak egitera. —Baa, gizon bat autoz etorri zuan. Galdetu zidaan nire lekua nork hartu zuen egun horretan eta inoxenta nintzela pentsarazi nioan. Baina galdetzen segitzen zian eta, azkenean, Cleucheko nire koinatari buruz ari zela esan nioan, batzuetan laguntzera etortzen zela. Itxura bitxia zian, eta ezin nian haren ingelesa ongi konprenitu. Azken egun horietan, nahiko urduri nengoen eta, nire burua sasoian sentitu bezain pronto, alde egitea erabaki nuen. Hori ekainaren hamabian izan zen eta, zorionez, goiz horretan, behizain bat agertu zen, Moffatera abere batzuk eramaten ari zela. Hislop zuen izena eta Turnbullen laguna zen. Gosaltzera sartu zen etxean eta esan zidan berarekin eramango ninduela. Ni zaintzeagatik, bost libera onartzera behartu nuen Turnbull, eta kostata lortu nuen. Ez dut inoiz gizon hura baino independenteagorik ezagutu. Tematu nintzenean, jarrera zakarra hartu zuen, gero lotsatu eta gorritu zen eta, azkenean, eskerrak eman gabe dirua hartu zidan. Asko zor niola esan nionean, “fabore bat beste baten truk” esan zuen marmarka. Agur esaterakoan, bazirudien elkarrekin haserre geundela. Hislop gizon alaia zen. Mendate osoan eta Annango haran eguzkitsuan zehar hizketan aritu zen. Nik Gallowaygo azokaren eta ardi-salneurrien gainean hitz egin nion eta erabaki zuen ni hango borda-artzaina nintzela; auskalo zer izango den hori. Plaidak eta txano zaharrak, esan bezala, eskoziar itxura nabarmena ematen zidaten. Dena dela, abereak eramatea lan motela da, oso, eta ia egun osoa eman genuen hogei bat kilometro egiteko. Urduri egon izan ez banintz, gozatuko nukeen. Eguraldia urdina eta argitsua zen; paisaian mendixka marroiak eta larre berdeak txandakatzen ziren, eta hegatxabalen, kurlinten eta erreken soinuak entzuten genituen bidaian zehar. Baina burua udalditik urrun nuen eta arreta gutxi ematen nion Hislopen elkarrizketari. Izan ere, zorigaiztoko ekainaren hamabosta hurbiltzen ari zen eta nire ekimenaren zailtasun gaindiezinek zama izugarria jarri zidaten gainean. Moffateko taberna apal batean afaldu nuen eta oinez egin nituen trenbide nagusiko lotunerako hiru kilometroak. Hegoalderako tren azkarra ez zen gauerdira arte iritsiko eta, hortaz, denbora pasatzeko, muino batera joan nintzen lo egitera, ibilaldiak neka-neka egin utzi baininduen. Gehiegi egin nuen lo eta korrika joan behar izan nuen geltokira. Atera baino bi minutu lehenago sartu nintzen trenean. Hirugarren klaseko kuxinek eta tabako zaharraren usainak izugarri alaitu ninduten. Behintzat, orain lanari heltzen hasia nintzela sentitzen nuen. Trenak Crewen utzi ninduen goizaldean, eta sei orduz itxaron behar izan nuen Birminghamerako tren bat hartzeko. Arratsaldean, Readingera iritsi nintzen eta, han, Berkshire-n barrena zihoan aldirietako tren batean sartu nintzen. Larrez eta errekastoz zipriztindutako eskualdea zeharkatu genuen. Iluntzeko zortziak aldera, bidaiek nekatu eta zikindutako izaki bat —laborariaren eta albaitariaren arteko zerbait— atera zen Artinswellgo geltoki txikira, koadrodun plaid zuri-beltza beso gainean zuela —ez nintzen Eskoziako mugaz harago jantzita eramaten ausartzen—. Nasan, bazeuden pertsona batzuk eta uste nuen hobe zela handik urruntzea, norabideak galdetu baino lehen. Errepideak pagadi handi bat gurutzatzen zuen; gero, sakonera txikiko haran batean sartzen zen, eta muino batzuen gailurrak ikusten ziren urruneko zuhaitzen gainetik. Eskozian egon ondoren, aireak usain astuna eta apala zuen, baina oso goxoa, aldi berean: gaztainondoak eta lila-zuhaixkak lorez gainezka zeuden. Zubi batera iritsi nintzen eta, haren azpian, errekasto garbia zebilen lore horien artetik. Haraxeago, errota bat zegoen eta iluntze lurrintsuan, soinu freskoa eta atsegina egiten zuen. Lekuak eroso sentiarazten ninduen nolabait eta barruak lasaitzen zizkidan. Paisaia berde horri begiratzen ari nintzaiola, txistuka hasi nintzen eta “Annie Laurie” melodia atera zitzaidan. Arrantzale bat erreka ertzetik igo zen eta, hurbiltzen ari zitzaidala, hark ere txistu egiteari ekin zion. Nire melodia itsaskorra zen eta hura ere melodia berarekin hasi zen. Gizon alimalekoa zen, flanelazko arropa narrasez eta txano zabal batez jantzita, eta, sorbalda gainean, olanazko poltsa zaharra zeraman. Buruarekin keinu egin zidan eta pentsatu nuen ez nuela inoiz inor ikusi hura bezain aurpegi burutsua eta aldarte onekoa. Hiru metroko kanabera zubiaren aurka utzi zuen eta, nirekin batera, urari begiratu zion. —Oso gardena, ezta? —galdetu zidan atsegin—. Gure Kenner ibaia Test ibaia baino gehiago gustatzen zait. Begiratu arrain handi horri. Bi kilokoa da, gutxienez. Baina ilunabarra pasatu egin da eta ez dago harrapatzerik. —Ez dut ikusten —esan nion. —Begiratu! Hortxe! Ihietatik metro batera, ur-lasterretan. —Orain ikusten dut. Harri beltz bat ematen du. —Hara —esan zuen, eta “Annie Laurie” abestiaren beste zati bat txistuka egin zuen. —Twisdon duzu izena, ezta? —esan zidan buelta eman gabe, oraindik errekari so. —Ez —esan nion—. Zera, bai, esan nahi dut—. Ezizenaren kontua ahaztuta neukan. —Azpikari jakintsuek beren izenak ezagutzen dituzte— esan zuen, zubiaren itzaletik atera zen uroilo bati irribarre eginez. Zuzen jarri nintzen eta begiratu egin nion. Elutxadun masailezur karratua zuen, kopeta zabala eta zimurra, eta masail sendoak, eta hasi nintzen pentsatzen ondoan edukitzeko moduko aliatu bat aurkitu nuela azkenean. Bat-batean, haren begi urdin alaiak bizitu ziren. Betondoa ilundu zitzaion. —Lotsagarria iruditzen zait— esan zuen, ahotsa altxatuz—. Lotsagarria da zu bezala sasoi onean dagoen gizon bat eske ibiltzen ausartzea. Nire sukaldean, jateko emango dizute, baina nigandik ez duzu dirurik lortuko. Gizon gazte bat guregandik gertu pasatu zen gurdi txiki batean, eta arrantzalea zigorrarekin agurtu zuen. Hura aldendu zenean, arrantzaleak kanabera hartu zuen. —Nire etxea hori da— esan zidan, ehun metrotara zegoen hesi zuri bat seinalatuz—. Bost minutuz itxaron, eta gero atzeko atera joan—. Eta, hori esanda, hantxe utzi ninduen. Agindu bezala egin nuen. Herriko etxe polit bat aurkitu nuen. Belardia errekaraino iristen zen eta, bidexkaren ertzetan, alezuriz eta lilaz osatutako oihan zaindu bat zegoen. Atzeko atea irekita zegoen eta etxezain serio bat, nire zain. -Etorri nigaz, jauna— esan zidan, eta korridore batean barrena eraman ninduen, atzeko eskaileretan gora eta, azkenean, logela atsegin batera. Ibaia ikusten zen handik. Niretzako jantzi asko utzi zituzten: arropa formala osagarri guztiekin, flanelazko traje marroi bat, alkandorak, lepokoak, gorbatak, bizarra kentzeko tresnak eta ile-eskuilak, baita zapata distiratu pare bat ere. -Sir Walterrek pentsatu dau Reggie jaunaren gauzak zuretzat egokiak izango dirazala— esan zidan etxezainak. —Arropea izten dau hemen, asteburu askotan etortzen da eta. Ondoan bainugelea daukazu eta bainu bero bat prestatu deutsut. Afaria ordu-erdi barru izango da, jauna. Gonga entzungo dozu. Izaki serio hark alde egin zuen eta, kalikoz estalita zegoen besaulki batean eserita, aho zabalik begiratu nion denari. Komedia musikal batean banengo bezala sentitzen nintzen, eskale izatetik erosotasun txukun honetara. Argi zegoen Sir Walter nigan fidatzen zela, nahiz eta nik horren zergatia ez jakin. Ispiluan, nire buruari begiratu nion eta gizon basatia, beltzarana eta begipetsua ikusi nuen, bi asteko bizarra zuena, lepokorik gabea, alkandora merke batekin, formarik gabeko tweedezko arropaz jantzita eta ia hilabetez garbitu ez ziren botekin. Arlotea ematen nuen, edo azokako abeltzaina, eta etxezain txukun batek erosotasun handiko tenplu honetara ekarria ninduen! Onena zen oraindik ez zekitela nire izena zein zen ere. Erabaki nuen gehiago ez hausnartzea eta patuak eman zizkidan opariak onartzea. Luxu handiz, bizarra kendu eta bainua hartu nuen. Arropa formalez eta alkandora garbiarekin jantzi nintzen, nire tamainakoa ere bazen gutxi gorabehera. Bukatu nuenean, ispiluan begiratu, eta horren itxura txarrik ez zuen gazte bat ikusi nuen. Sir Walter jangela ilun batean zegoen nire zain. Mahai biribil txiki bat zegoen han, zilarrezko kandelez argituta. Hura ikustean —horren agurgarria, errotua eta segurua, gobernuaren, legeen eta arau guztien ikurra—, harrituta geratu nintzen eta lekuz kanpo sentiarazi ninduen. Ez zekien ni benetan nor nintzen; bestela, ez nindukeen horrela tratatuko. Ezin nuen aitzakia faltsuekin haren abegia onartu. —Ezin dizut egindakoa nahikoa eskertu, baina gauzak argitu behar ditut —esan nion—. Errugabekoa naiz, baina polizia atzetik daukat. Hori kontatu behar nizun eta, etxetik botatzen banauzu, ez naiz harrituko. Irribarre egin zuen. —Ondo da. Ez diezazun horrek jateko gogoa hondatu. Afaldu ondoren hitz egingo dugu gauza horien gainean. Ez nuen inoiz otordu bat hain gustura egina, egunean zehar treneko sandwichak baino ez bainituen jan. Sir Walterrek primerako afaria eman zidan. Xanpain ona edan genuen eta, afaldu ondoren, Oportoko ardo paregabea. Oso urduri jartzen ninduen han egoteak, zerbitzari batek eta etxezain dotore batek zerbitzatua, eta gogoratzeak hiru astez bidelapur baten eran bizi izan nintzela, guztiak nire aurka. Sir Walterri Zambesi ibaian dauden tigre-arrainen gainean hitz egin nion; horiek aukera izanez gero, hatzak jaten dizkigute. Ehiza munduan zehar genuen hizpide, ehiztari ibilia zen bera. Kafea hartzera bulegora joan ginen. Gela atsegina zen, liburuz, garaikurrez, anabasez eta erosotasunez beteta. Erabaki nuen afera honetatik bizirik atera, eta noizbait berezko etxea lortzen banu, halako gela bat izango nuela. Kafe-kikarak jaso ondoren, eta zigarroak piztuta genituela, anfitrioiak besaulkiaren ertz baten gainean jarri zituen hanka luzeak eta nire istorioa kontatzeko esan zidan. —Harryk esandakoa egin dut —esan zidan—, eta hura onartzeko agindu zidan esnaraziko ninduen zerbait kontatuko zenidala. Prest nago, Hannay jauna. Nire benetako izena erabiltzea ezustekoa izan zen. Hasiera-hasieratik hasi nintzen. Londresen aspertzen nintzela kontatu nion. Gau batean Scudder nire atarian aurkitu nuela farfuilatzen. Scudderrek Karolides eta Kanpo Arazoetako Ministerioaren biltzarren gainean esandakoaz hitz egin nion eta, horrekin, irribarre egin zuen Sir Walterrek. Orduan, hilketarena kontatu nion eta serioago jarri zen. Esneketariarena azaldu nion, eta Gallowayn egin nuena, eta ostatuan Scudderren oharrak dezifratu nituela. —Badituzu hemen? —galdetu zidan azkar. Arnasa sakon hartu zuen liburuxka sakelatik atera nuenean. Edukien gainean ez nion ezer esan. Sir Harry nola ezagutu nuen deskribatu nion, baita aretoan egin genituen hitzaldiak ere. Horrekin, barre-algarak egin zituen Sir Walterrek. —Harryk tontakeriak esan zituen, ezta? Sinesten dizut. Munduko gizonik onena da, baina osaba tuntunak txorakeriaz bete dio burua. Jarraitu, Hannay jauna. Errepide-langilearena egiten pasatu nuen egunarekin asaldatu egin zen. Autoan zeuden bi gizonen deskribapen zehatzak eskatu zizkidan eta iruditu zitzaidan memorian bilatzen ari zela. Jopley memeloaren patuarekin, berriro alaitu zen. Baina oso serio jarri zen landako etxeko zaharraren gainean mintzatu nintzenean. Berriro, itxuraren xehetasun guztiak eskatu zizkidan. —Leuna eta burusoila eta begiak hegazti batek bezala estaltzen zituena… Ehiza-hegazti gaiztoa ematen du! Hark zu poliziatik salbatu ondoren, haren bakarlekua lehertu zenuen. Hori lan adoretsua hori! Eta handik gutxira, bidaiaren narrazioa bukatu nuen. Sir Walter zutik jarri zen, poliki, eta sutondoko alfonbratik begiratu zidan. —Poliziaz ahantz zaitezke —esan zidan—. Ez duzu arazorik herrialde honen legeekin. —Arraioa! —garrasi egin nion —. Hiltzailea harrapatu dute? —Ez. Baina azken hamabostaldi honetan ez zara susmagarrien zerrendan egon. —Zergatik ez? —galdetu nion harrituta. —Batez ere, Scudderrek gutun bat idatzi zidalako. Gizona apur bat ezagutzen nuen: lan batzuk egin zituen niretzat. Erdi eroa erdi jenioa zen, baina erabat zintzoa. Arazoa zen oso gustuko zuela bakarrik aritzea. Eta horregatik ezin zuen lan egin zerbitzu sekretuetan. Lastima, ezohiko dohainak zituen eta. Nire uztez, munduko gizonik ausartena zen. Beti izututa eta dardarka zegoen, baina ez zegoen amore emanarazten zion ezer. Maiatzaren 31n, haren gutuna jaso nuen. —Baina, ordurako, astebete zeraman hilik. —Gutuna 23an idatzi eta bidali zuen. Argi zegoen ez zuela espero horren laster hiltzea. Normalean, haren mezuek astebete behar izaten zuten niregana iristeko: Espainiara bidaltzen zituen eta, hortik, Newcastlera. Arrastoa ezkutatzeko mania zuen. —Zer esaten zuen? —galdetu nion totelka. —Ezer ez. Arriskuan zegoela, baina lagun on baten babesa zuela eta ekainaren hamabosta baino lehen haren berri izango nuela. Ez zidan helbiderik eman, baina Portland Placetik gertu zegoela esan zidan. Uste dut ez zuela nahi zuk arazorik izatea zerbait geratuz gero. Gutuna jaso bezain pronto, Scotland Yardera joan nintzen eta ikerketaren xehetasunak aztertu nituen. Orduan ondorioztatu nuen zu lagun hori zinela. Zuri buruzko galderak egin genituen, Hannay jauna, eta ondorioztatu genuen errespetagarria zinela. Uste nuen ulertzen nuela zergatik desagertu zinen, ez poliziaregatik bakarrik, besteengatik ere bai, eta, Harryren oharra jaso nuenean, gainerako guztia ulertu nuen. Aste honetan, zure zain egon naiz. Imajinatuko duzuen bezala, horrekin, zama handia kendu zitzaidan gainetik. Gizon askea sentitu nintzen berriro. Orain, nire herrialdearen etsaiak baino ez nituen aurka, baina ez herrialdeko legegizonak. —Begira diezaiogun liburuxkari —esan zuen Sir Walterrek. Ordubete behar izan genuen dena ikusteko. Kodea azaldu nion eta oso azkar harrapatu zuen. Puntu batzuetan, nire interpretazioa zuzendu zuen, baina, oro har, nahiko zuzen ibili nintzen. Amaitu baino lehen, oso serio jarri zen eta, gero, luze geratu zen isilik. —Ez dakit zer pentsatu —esan zidan azkenean—. Gauza batean arrazoi du: etzi gertatuko den hori. Baina nola demontre jakin zuen? Hori, berez, nahiko gauza iluna da. Baina gerraren eta Harri Beltzaren kontu horrek, horrek guztiak melodrama eroa dirudi. Tamalez ezin naiz Scudderren zuhurtasunaz erabat fidatu. Haren arazoetako bat zen erromantikoegia zela. Izaera artistikoa zuen eta istorioak Jainkoak nahi baino hobeak izatea nahi izaten zuen. Eta aurreiritzi arraro asko zituen: juduak, esaterako, gorroto zituen. Juduak eta goi-mailako finantza. —Harri Beltza —errepikatu zuen—. Der Schwarzestein. Eleberri merke bat ematen du. Eta Karolidesi buruzko guztia. Kontakizunaren zatirik ahulena da hori; izan ere, badakit Karolides estimatua gu biok baino luzeago biziko dela ziur aski. Europan ez dago gizon hori desagerrarazi nahi duen estaturik. Horrez gain, azkenaldi honetan, Berlinera eta Vienara hurbildu da pixka bat eta horrek arazoak sortu dizkio nire nagusiari. Ez! Scudder ildo okerrean sartu da horrekin. Egia esan, Hannay, ez dut istorioaren zati hori sinesten. Kontu ilunen bat mugitzen ari da. Gehiegi jakin zuen eta horregatik erail zuten. Baina apustu egingo nuke espioitza arrunta dela. Bada estatu europar handi bat bere espioitza-zerbitzua oso gustuko duena eta erabiltzen dituzten metodoak ez dira bereziki arduratsuak. Somara ordaintzen dutenez, haren gizatxarrei ez zaie axola hilketa bat edo bi egitea. Gure itsas armadaren kokapenak nahi dituzte Marineamten duten bilduman sartzeko; baina ez dituzte lortuko, hori da gertatuko dena. Momentu horretan, etxezaina sartu zen gelan. - Dei bat Londresetik, Sir Walter. Heath jauna da, eta zugaz egin gura dau berba. Nire anfitrioia telefonoz hitz egitera joan zen. Bost minutu geroago itzuli zen, aurpegia zuri. —Scudderren mamuari barkamena eskatu beharko diot —esan zidan—. Karolides tiroz erail dute gaur zazpiak pasatxo zirela. 8 - Harri Beltzaren etorrera Hurrengo goizean, gosaltzera jaitsi nintzen zortzi orduz lo egin ondoren; lo ederra eta ametsik gabekoa. Sir Walter han zegoen, opilez eta marmeladaz inguratuta, eta telegrama bat irakurtzen ari zen. Aurreko eguneko itxura baikorra joandako oroimena baino ez zen. —Zu oheratu ostean, telefonoz ordubete eman nuen —esan zidan—. Nagusiari itsas armadako nagusiarekin eta Guda Ministroarekin hitz egiteko esan nion. Telegrama honek argi uzten du. Londresera bostetan iritsiko da. Bitxia da Frantziako jeneral batentzako kode-izena “Txerritxoa” izatea. Plater beroetarantz zuzendu ninduen eta hitz egiten jarraitu zuen. —Baina ez dut uste gauza handirik lortuko dugunik. Zure lagunak lehenbiziko plana aurkitzeko gai izan badira, bigarrena ere aurkituko dute. Burua emango nuke satorra non dagoen jakiteko. Uste genuen Ingalaterran bost gizonek bakarrik zutela Royer jeneralaren bisitaren berri, eta ziur geunden Frantzian horiek baino gutxiago zirela, han hemen baino hobeto antolatzen baitituzte gauzak. Jaten ari zela hitz egiten jarraitu zuen. Harrituta geratu nintzen afera guztia kontatu zidalako. —Ezin da plana aldatu? —galdetu nion. —Alda lezakete —esan zidan—. Baina, aukeran, nahiago dugu hori ez egin. Asko hausnartu ondoren prestatutako plana da, eta edozein aldaketa okerragorako litzateke. Gainera, kokapen bat edo bi ezin dira aldatu. Hala ere, ziur aski zerbait egiteko aukera egon liteke, behar-beharrezkoa izanez gero. Baina arazoa ikusten duzu, Hannay. Gure etsaiak ez dira hain tontoak Royerri sakelatik lapurtzeko, edo halako zerbait egiteko. Badakite horrekin iskanbila sortuko luketela, eta, horrekin, gu ernai jarriko ginatekeela. Haien helburua da xehetasun guztiak lortzea gu konturatu gabe. Horrela, Royer Parisera itzuliko da afera osoa sekretupean dagoelakoan. Hori lortu ezean, porrot egingo dute. Guk susmorik izanez gero, badakite dena aldatuko dugula. —Orduan, frantziarrarekin egon behar dugu hura etxeratu arte —esan nion—. Parisen informazioa lor dezaketela uste izango balute, hor saiatuko lirateke. Horrek esan nahi du Londresen azpijoko sakon bat martxan dagoela eta uste dutela irabaziko dutela. —Royer nire nagusiarekin afalduko du eta, gero, nire etxera etorriko da. Han, lau pertsona egongo dira haren zain: itsas armadako Whittaker, Sir Arthur Drew, Winstanley jenerala eta laurok. Itsas armadako nagusia gaixorik dago eta Sherringhamera joan da. Nire etxean, Whittakerrek dokumentu bat emango dio Royerri eta gero Portsmouthera eramango dute autoz. Bidaia hori garrantzitsuegia da trenez egiteko. Frantziaraino iritsi arte, ez da inoiz bakarrik egongo. Eta Whittaker ere ez da bakarrik egongo Royerrekin elkartu arte. Hori da egin dezakegun onena eta zaila dirudi hutsunerik gertatzea. Baina onartuko dizut izugarri urduri nagoela. Karolidesen hilketak anabasa sortuko du Europako Kanpo Arazoetako Ministerio guztietan. Gosaldu ondoren galdetu zidan ea banekien autoak gidatzen. —Ondo, gaur, nire gidaria izango zara eta Hudsonen arropaz jantziko zara. Haren neurrikoa zara, gutxi gorabehera. Afera honetan parte hartu duzu eta kontuz ibiliko gara. Gure aurka gizon arriskutsuak ditugu eta ez dute errespetatuko lan gehiegi egiten duen funtzionario baten bakarlekua. Londresera iritsi nintzenean, auto bat erosi eta, dibertsioz, Ingalaterrako hegoaldea esploratzen ibili nintzen; beraz, zertxobait ezagutzen nuen. Sir Walter Bathetik Bath-eko errepidetik eraman nuen eta laster iritsi ginen Londresera. Ekaineko goiz hura samurra eta haizerik gabekoa zen, gero sargori izango zelako seinale, eta plazera izan zen garbitu berri zituzten herri txikiak gurutzatzea eta Thames ibaiko lorategien ondotik pasatzea. Sir Walter hamaika eta erdietan utzi nuen Queen Anne's Gaten zuen etxean. Etxezaina trenez etorriko zen geroago, maletekin. Lehenbizikoz, Scotland Yardera eraman ninduen Sir Walterrek. Han, jaun txukun bat ikusi genuen; bizarra moztuta eta abokatu itxura zeukana. —Portland Placeko hiltzailea ekarri dizut —aurkeztu ninduen Sir Walterrek. Bestearen erantzuna irribarre ironikoa izan zen. —Hori opari atsegina izango zatekeen, Bullivant. Eta gizon hau, ziur aski, Richard Hannay jauna da, egun batzuez nire departamentuan interes handia sortu zuen gizona. —Hannay jaunak interesa piztuko die berriro ere. Gauza asko kontatuko dizkizu, baina gaur ez. Arrazoi batzuengatik, kontakizun horrek hogeita lau orduz itxaron beharko du. Orduan, zin egiten dizut ondo pasatuko duzula eta, beharbada, gauza batzuk ikasiko dituzula. Eskertuko dizut Hannay jaunari eragozpen gehiagorik izango ez duela bermatzea. Hori entzun bezain pronto, baieztatu egin zidan. —Zure bizitza lehen zen moduan berreskura dezakezu —esan zidan—. Apartamentua zain duzu, nahiz eta ziurrenik orain ez duzun hor bizi nahi izango, eta zerbitzaria ere hor duzu. Ofizialki ez zintugunez salatu, uste genuen ez zegoela zertan errugabetzat jo. Baina, horri dagokionez, zuk esan. —Beharbada, geroago, zure laguntza beharko dugu, MacGillivray —esan zion Sir Walterrek ateratzen ari ginela. Orduan, aske utzi ninduen. —Bihar, niregana etorri, Hannay. Isilik egon beharko duzu, badakizu. Zure lekuan, ohera joango nintzateke. Lo-zor handia izango duzu ziurrenik. Zuhur ibili, Harri Beltzeko zure lagunen batek ikusiko bazintu, arazoak sor daitezke. Nolabait ere, galduta sentitu nintzen. Hasieran, gizon askea izatea oso atsegina izan zen, nahi nuen tokira joan nintekeen ezeren beldurrik gabe. Hilabetez bakarrik eta legez kanpo bizi izan nintzen eta hori, niretzat, nahikoa izan zen. Savoy jatetxera joan nintzen eta, kontu handiz, oso bazkari ona eskatu nuen eta, ondoren, eskain ziezadaketen pururik onena erre nuen. Baina ezin nion ezinegonari utzi. Erretze-gelan niri begira zegoen edozein ikusten nuenean, lotsatzen nintzen eta hilketaren gainean pentsatzen ari ote zen galdetzen nion neure buruari. Gero, taxi bat hartu nuen eta kilometro batzuk egin nituen Londreseko iparraldera. Zelaietatik eta txalet-lerroetan paseatu nuen eta, gero, etxe txikien artean, auzo pobreetan eta kale arriskutsuetan barrena. Ia bi orduz ibili nintzen. Egonezina handitzen ari zitzaidan etengabe. Gauza handiak, beldurgarriak, gertatzen ari ziren eta gertatuko ziren eta ni, afera guztiaren ardatza, jokotik kanpo nengoen. Royer jenerala Doverren lurreratuko zen; Sir Walter planak prestatzen ari zen Ingalaterran sekretua ezagutzen zuten pertsona bakanekin eta, iluntasunean, nonbait, Harri Beltza lanean ari zen. Arriskua eta hurbileko hondamendia sentitzen nituen eta, aldi berean, sentitzen nuen nik eta nik bakarrik saihets nezakeela, neuk bakarrik borrokatu nintzatekeela haren aurka. Baina orain jokoz kanpo nengoen. Ez, gauzak ezin ziren beste modu batean egin. Ez zegoen kabineteko ministroek, almiranteek eta jeneralek beren sekretuak niri kontatzeko aukera handirik. Hasi nintzen pentsatzen nire hiru etsaietako batekin topo egin nahi nukeela. Horrekin zer edo zer gertatu zitekeen. Gogo handia nuen jende horrekin borroka arrunt bat izateko. Zerbait kolpatu eta zapaldu nahi nuen. Aldarte txarrez jartzen ari nintzen bat-batean. Ez nuen apartamentura itzultzeko gogorik. Uneren batean, hala egin beharko nukeen, baina, momentuz, diru nahikoa nuen eta erabaki nuen hurrengo goizera arte ez nintzela bueltatuko Egun horretan, hotel batean egingo nuen lo. Afarian ere, haserre nengoen. Jermyn Streeten zegoen jatetxe batean afaldu nuen. Ez nintzen gose eta plater asko ukitu gabe itzuli nituen. Borgoinako botila bat ardo ia osa edan nuen, baina horrek ez ninduen alaitu. Egonezin jasanezinak hartu ninduen. Hor nengoen ni, oso gizon arrunta, adimen arruntekoa; baina, nolabait, ziur nengoen beharrezkoa nintzela afera aurrera eramateko eta, ni gabe, dena oso gaizki joango zela. Nire buruari esan nion hori handikeria hutsa zela. Munduko lau edo bost pertsona adimentsuenetakoak lan horretan zebiltzan, inperio britainiarren botere guztia haien esku. Hala ere, ezin nuen onartu. Bazirudien ahots bat nuela belarrian, ekiteko esanez edo, bestela, ez nuela inoiz berriro lorik egingo. Ondorioz, bederatzi eta erdiak aldera erabaki nuen Queen Anne's Gatera joatea. Ziurrenik, ez zidaten sartzen utziko, baina saiatzeak kontzientzia lasaituko zidan. Jermyn Streeten barna joan nintzen eta, Duke Streeteko kantoian, gizon gazteen talde bat aurreratu nuen. Arropa formalez jantzita zeuden, nonbait afaldu zuten eta antzerki batera joan behar zuten. Marmaduke Jopley jauna zen haietako bat. Ikusi egin ninduen eta gelditu egin zen. —Jainkoarren, hiltzailea! —garrasi egin zuen. —Aizue, mutilak, harrapatu! Hori Hannay da, Portland Placeko hiltzailea! Besotik heldu zidan eta besteek ere inguratu ninduten. Ez nuen arazorik izan nahi, baina nire aldarte txarrak tontakeria bat eginarazi zidan. Polizia bat hurbildu zitzaigun; egia esan behar niokeen eta, nire istorioa sinetsi ezean, Scotland Yardera ni eramateko exijitu edo, bestela, gertuen zegoen polizia-etxera. Baina, une horretan, edozein atzerapen onartezina iruditzen zitzaidan eta Marmieren aurpegi memeloa ikustea gehiegi izan zen niretzat. Ezker eskuarekin ukabilkada eman nion eta poz handiz ikusi nuen arekan botata. Eta, orduan, izugarrizko iskanbila sortu zen. Guztiak nire gainera etorri ziren, eta poliziak atzetik harrapatu ninduen. Kolpe on bat edo bi eman nizkien eta uste dut, joko garbia izanez gero, guztiak garaitu nitzakeela; baina poliziak atzetik heldu zidan eta haietako batek eztarritik eutsi ninduen. Haserreak itsututa entzun nuen poliziak galdetu zuela ea zer gertatzen ari zen eta Marmiek, hortzak apurtuta, ni Hannay hiltzailea nintzela adierazi. —Arraioa! —oihu egin nuen—. Isilarazi gizon hori. Ohartarazten dizut, agente jauna, utzi bakean. Scotland Yardek badu nire berri eta niri eragozpenik jarriz gero, kargu hartuko dizute. —Nirekin etorriko zara, gazte —esan zidan poliziak—. Ikusi dut jaun hori krudelki kolpatu duzula. Zu hasi zara, hark ez du deus egin. Ikusi zaitut. Hobe duzu lasai etortzea; bestela, lotuko zaitut. Sumindurak eta gertatzen zela gertatzen zena ezin nuela atzerapenik izan pentsatzeak zezen baten indarra eman zidaten. Polizia bat ia lurretik altxatu nuen, lepotik heldu zidana lurrera bota nuen, eta ahalik eta azkarren, Duke kalean barrena ihes egin nuen korrika. Txistua entzun nuen eta gizonak nire atzetik lasterka. Azkar egiten dut korrika eta, gau horretan, hegoak nituen. Aitaren batean, Pall Mallera iritsi nintzen eta St James Parkera abiatu. Jauregiko atarian zegoen polizia saihestu nuen, Mallen sarreran zeuden guardia-multzoan murgildu nintzen eta zubirako bidean nengoen jazarleek kalea gurutzatu baino lehen. Parkeko bide zabaletara iristean, erritmoa bizitu nuen. Zorionez, ez zegoen jende askorik eta inor ez zen ni geldiarazten saiatu. Queen Anne's Gateraino iritsi behar nuen kosta ahala kosta. Kale lasai hartan sartu nintzenean, ematen zuen hutsik zegoela. Sir Walterren etxea parte estuan zegoen eta kanpoan hiruzpalau auto zeuden. Handik pauso batzuetara nengoela, abiadura moteldu nuen eta ateraino ibili nintzen kementsu. Etxezainak sartzen ez utziz gero, edo atea irekitzen berandutuz gero, nireak egingo zuen. Ez zuen denbora asko behar izan. Ia txirrina jo bezain pronto, atea ireki zen. —Sir Walter ikusi behar dut —esan nion arnasestuka. —Gai izugarri garrantzitsua da. Etxezaina izugarrizko gizona zen. Gihar bat ere mugitu gabe ate irekiari heldu, eta nire atzean itxi zuen. —Sir Walter lanean dago, jauna, eta inori sartzen ez izteko esan deust. Itxarongo dozu, arren? Etxea antzinakoen modukoa zen, atondo handia eta gelak bi aldeetan. Atzeko aldean, txoko bat zegoen, telefonoarekin eta aulki pare batekin, eta etxezainak han esertzeko esan zidan. —Entzun —xuxurlatu nion. —Baditugu arazoak eta ni tartean nago. Baina Sir Walterrek badaki, eta harentzat egiten dut lan. Norbait nire bila etortzen bada, gezurren bat esan. Baietz egin zidan buruarekin eta, segituan, zarata entzun nuen kalean, eta, gero, indarrez jo zuten txirrina. Ez nuen inoiz beste inor etxezain hori bezainbeste miretsi. Atea ireki zuen eta, aurpegia erabat asaldagaitz, galderen zain geratu zen. Orduan, ederra sartu zien. Etxea norena zen eta haren aginduak zein ziren azaldu zien eta, besterik gabe, ataritik uxatu zituen. Nire eserlekutik, dena ikus nezakeen eta edozein antzezlan baino hobea zen. Handik gutxira, txirrina jo zuten berriro. Etxezainak bisitari berriari sartzen utzi zion zalantzarik egin gabe. Berokia kentzen ari zela, ikusi nuen nor zen. Ezinezkoa zen egunkari edo aldizkari bat irekitzea aurpegi hura ikusi gabe: horizontalean moztutako bizar grisa; sudur labur eta karratua; eta begi urdinak eta zorrotzak. Konturatu nintzen Itsas armadako nagusia zela. Esaten zutenez, Erresuma Batuko itsas armada berria sortu zuen. Nire eserlekutik gertu pasatu zen eta atondoaren atzean zegoen gela batera eraman zuen etxezainak. Atea irekitzean, xuxurlak entzun nituen. Atea itxi, eta bakarrik nengoen berriro. Hogei minutuz egon nintzen han, ondoren zer egin behar nuen pentsatzen. Erabat ziur nengoen beharko nindutela, baina ez nekien noiz edo nola. Ordulariari etengabe begiratzen nion eta, hamar eta erdiak motel iristen ari zirela, pentsatu nuen bilera laster bukatuko zela. Ordu-laurden baten buruan, Royer jauna Portsmoutherako errepidean abiatuko zen ziztu bizian… Orduan, kanpaitxoa entzun nuen eta etxezaina agertu zen. Atzeko gelaren atea ireki, eta itsas armadako nagusia atera zen. Nire ondotik pasatu zen, nire aldera begiratu zuen eta, segundo batez, elkarri begiratu genion. Segundo bat baino ez zen izan, baina hura nahiko izan zen bihotzak jauzi egiteko. Ez nuen gizon garrantzitsu hura aurretik inoiz ikusi, eta hark ez ninduen ni inoiz ikusi. Baina, denbora-tarte labur hartan, zerbait nabari nion begietan eta zerbait hori elkarrenganako ezagutza izan zen. Nahastezina da hori. Istant bat da, argi-izpi bat, esanahi bat eta bakarra duen ñabardura bat. Nahi gabe nabari zitzaion, ustekabean; baina berehalakoan desagertu, eta gizona joan egin zen. Burua ideia biziz korapilatuta nuela entzun nuen kaleko atea haren atzetik ixten zela. Telefono-gida hartu nuen eta haren etxeko zenbakia bilatu nuen. Berehalakoan komunikatu ninduten eta zerbitzari batek hartu zidan. —Jauna etxean al dago? —galdetu nion. —Jauna duela ordu-erdi itzuli da —erantzun zidan, —eta oheratu egin da. Gaur ez dago oso ondo. Mezuren bat utzi nahi al diozu, jauna? Eseki nuen eta aulkitik erori nintzen ia. Ez zen afera hartan nire parte-hartzea oraindik bukatu. Doi-doi, baina garaiz iritsi nintzen. Ez zegoen astirik galtzeko eta, beraz, atzeko gelako ateraino azkar joan, eta jo gabe sartu nintzen. Bost aurpegik harrituta begiratu zidaten mahai biribil batetik. Han zeuden Sir Walter, Drew Gerra Ministroa (argazkietatik ezagutzen nuen), gizon adindu argal bat ere bazegoen, Whittaker ziur aski, itsas armadako ofiziala eta Winstanley jenerala, kopetan zuen zauriagatik nabaria. Azkenik, gizon txiki eta gizen bat zegoen, burdin koloreko bibotea eta bekain iletsuak zituena. Esaldi baten erdian harrapatu nuen. Sir Walterri harridura eta haserrea nabari zitzaizkion aurpegian. —Hau aipatu dizuedan Hannay jauna da —esan zien besteei, barkamena eskatuz. —Bisita hau, Hannay, lekuz kanpo dago. Lasaitasuna berreskuratu nuen. —Hori ikusteke dago, jauna —esan nion—, baina, beharbada, garaiz iritsi naiz, doi-doi. Jainkoaren izenean, esan iezadazue nor atera den hemendik duela minutu bat? —Lord Alloa —erantzun zidan Sir Walterrek, haserreak gorrituta. —Ez zen hura —oihu egin nien—. Haren itxura osoa du, baina ez zen Lord Alloa. Ezagutu egin nau eta azken hilabete honetan ikusi dudan norbait da. Hura kalera atera bezain pronto, Lord Alloaren etxera deitu dut eta esan didate duela ordu-erdi itzuli dela eta oheratu ere bai. —Nor… nor…? —norbaitek totelka esan zuen. —Harri Beltza —oihu egin nuen, hutsik geratu berria zen aulkian eseri, eta nire inguruan izuak jota zeuden bost gizonei begiratu nien. 9 - Hogeita hemeretzi mailak —A ze tontakeria! —garrasi egin zuen itsas armadako ofizialak. Sir Walter jaiki eta gelatik atera zen. Guk, bitartean, mahaiari begiratzen genion sorgor. Hamar minutu geroago itzuli zen, aurpegia oso serio. —Alloarekin hitz egin dut —esan zuen—. Ohetik aterarazi dut, aldarte txarrez dago. Mulrossekin afaldu ondoren, etxera joan da zuzenean. —Hori erokeria da —eten zion Winstanley jeneralak—. Esaten ari zara gizon hori hona etorri dela, nire alboan ia ordu-erdiz eserita egon dela eta ni ez naizela iruzurraz konturatu? Alloak burutik jota egon behar du. —Ez duzue ikusten zeinen argiak diren? —itaundu nien—. Beste gauza batzuetan interes handiegia zenuten, begiek erabili ere egiteko. Ez duzue Lord Alloa zen ala ez pentsatu ere egin. Beste inor izanez gero, ziurrenik arreta handiagoaz begiratuko zenioketen, baina hori hemen egotea naturala zen eta horrek lokarrarazi zaituzte. Orduan, frantziarrak hitz egin zuen, oso motel eta oso ingeles onez. —Gazte honek arrazoia du. Psikologia ona da. Gure etsaiak ez dira tontoak! Bekain jakintsuak zimurtu zizkien. —Pasadizo bat kontatuko dizuet —esan zuen—. Senegalen gertatu zen duela urte asko. Eremu galdu batean ari nintzela lanean, denbora pasatzeko barboak arrantzatzera joaten nintzen ibaira. Arabiar behor txiki batek eramaten zuen nire bazkari-saskia; garai hartan Timbuktun erosten genuen dun arraza arre horietako bat zen behorra. Goiz batean, arrain asko harrapatu nituen eta behorra, arrazoi argirik gabe, urduri zegoen. Entzuten nuen irrintzi eta karranka eta ostikoka ari zela eta ahotsarekin lasaitzen saiatu nintzen, buruan arrainak nituela oraindik ere. Ez nuen begi-bistatik galdu, hala uste nuen behintzat, zeharretik begiratzen nion etengabe; hogei bat metrora zegoen zuhaitz betetik lotuta zegoen… Ordu pare bat geroago, janarian pentsatzen hasi nintzen. Arrainak olanazko poltsa batean sartu nituen eta errekan barrena behorrari hurbildu nintzaion, kanabera hartuta. Harengana iritsi, eta, poltsa bizkar gainera bota behar nuenean… Etenaldia egin zuen eta guri begiratu zigun. —Usainak ohartarazi zidan. Burua biratu nuen, eta, metro batera, lehoi bat ikusi… Lehoi zahar gizaki-jalea, herrixka izuturik zuena. Behorraren hondakinak, odolez, hezurrez eta larruz osatutako mordo bat, zituen atzean. —Zer gertatu zen gero? —galdetu nion. Ehizan nahiko ibilia nintzen benetako istorio bat zela jakiteko. —Kanabera baraila artean sartu nion eta pistola atera nuen. Zerbitzariak ere errifleez armatuta zeuden. Baina arrastoa utzi zidan—. Esku bat altxatu eta ikusi genuen hiru hatz falta zitzaizkiola. —Pentsa —esan zuen—. Behorra ordubete baino gehiago zeraman hilik eta piztia niri begira egon zen lasai. Ez nuen behorra hiltzen ikusi, haren ezinegonetara ohituta nengoelako. Ez nintzen jabetu falta zela, nire buruan orban horixka baino ez zelako, eta lehoiak betetzen zuen hutsune hori. Nik halako akatsa izan banuen zentzumenak ernai izatera behartzen duen herrialde batean, zuek uste duzue hiriko jende okupatuok ez dugula kezkatu behar? Sir Walterrek baiezkoa egin zuen buruarekin. Inor ez zen kontrakoa esatera ausartu. —Baina ez dut ulertzen — jarraitu zuen Winstanleyk—. Haien helburua zen kokapenak lortzea gu konturatu gabe. Gutako batek gaurko bilera Alloari aipatuz gero, faltsukeria osoa agerian utziko zukeen. Sir Walterrek lehor barre egin zuen. —Alloa aukeratzeak haien zorroztasuna erakusten digu. Gutako zeinek hitz egingo zion gaurkoari buruz? Edo hark gaia aterako ote zuen? Gogoratu nuen jakina zela itsas armadako nagusiak gutxi hitz egiten zuela eta erraz haserretzen zela. —Harritzen nauena zera da —esan zuen jeneralak—. Zer lortu du espioi horrek hona etortzearekin? Ezinezkoa da diagramez eta izen bitxiz betetako horrenbeste orrialde buruz ikasi izana. —Hori ez da zaila —erantzun zion frantziarrak—. Espioi onei memoria fotografikoa lantzen erakusten diete. Zuen Macaulay bezalakoa da. Konturatuko zineten ez duela ezer esan, baina paperei behin eta berriro begiratu diela. Onar dezagun xehetasun guztiak burmuinean dituela. Gaztetan, nik ere egin nezakeen. —Bueno, orduan, planak aldatzea baino ez zaigu geratzen —esan zuen Sir Walterrek triste. Whittakerrek oso aurpegi serioa jarri zuen. —Lord Alloari kontatu al diozu zer gertatu den? —galdetu zion—. Ez? Bada, ezin dizuet ehuneko ehunean esan, baina nahiko ziur nago ezin dugula aldaketa handirik egin Ingalaterrako geografia aldatu gabe. —Eta beste gauza bat esan beharra dago — gehitu zuen Royerrek—. Gizon hori hemen zegoen bitartean, askatasunez hitz egin dut. Nire gobernuaren plan militar batzuen gainean hitz egin dizuet. Baimena eman zidaten hori kontatzeko. Baina, gure etsaientzat, informazio horrek milioiak balio ditu. Ez, lagunak, ez dut beste biderik ikusten. Hona etorri den gizona eta haren gaizkideak harrapatu behar ditugu. —Jainkoarren! —oihu egin nuen—. Eta ez dugu pista bat bera ere. —Gainera —Whittakerrek erantsi zuen—, posta-zerbitzua dago. Informazioa bidean dago dagoeneko. —Ez —esan zuen frantziarrak—. Ez dituzu espioien ohiturak ezagutzen. Berak jasotzen du ordainsaria eta berak entregatzen du lortzen duen informazioa. Frantzian, ezagunak ditugu horren gisakoak. Baina badugu aukera bat oraindik ere, mes amis. Gizon horiek itsasoa gurutzatu beharko dute eta itsasontziak eta portuak zelata ditzakegu. Sinets iezadazue: ezinbestekoa da, bai Frantziarentzat eta bai Erresuma Batuarentzat. Royerren sen onak eta seriotasunak lasaitu gintuzten nolabait. Gizon trakets haien artean, hark jartzen zituen gauzak martxan. Hala ere, ez nuen inoren aurpegian itxaropenik ikusi, ezta nik sentitu ere. Uharte hauen berrogeita hamar milioi biztanleen artean, eta hamabi bat ordu baino ez genituela, nola aurkitu Europako hiru gaizkilerik azkarrenetakoak? Bat-batean, gauza bat etorri zitzaidan burura. —Scudderren liburua non dago? —oihu egin nion Sir Walterri—. Azkar, han dagoen gauza batekin gogoratu naiz. Idazmahai bateko tiradera giltzez ireki zuen, eta liburua eman zidan. Orria aurkitu nuen. —Hogeita hemeretzi maila —irakurri nuen, eta berriz errepikatu— hogeita hemeretzi maila — eta zenbatu egin nituen—. Itsasgora, 22:17ean. Itsas armadako ministeriokoak ero banengo bezala so egiten zidan. —Ez al duzue ikusten? Pista bat da! —oihu egin nion—. Scudderrek bazekien gizon horien ezkutalekua zein zen, bazekien nondik aterako ziren herrialdetik, baina izena beretzat gorde zuen. Bihar da eguna eta, leku horretan, 22:17ean izango da itsasgora. —Beharbada, gaur joan dira —esan zuen norbaitek. —Haiek ez. Bide sekretua dute: eta daukate presarik. Alemaniarrak ezagutzen ditut eta planak jarraitzearekin oso zorrotzak dira. Non demontre ikus dezaket itsasaldien gida? Whittaker alaitu zen. —Aukera bat bada —esan zuen—. Goazen itsas armadako ministeriora. Zain zeuden bi autotan sartu ginen, Sir Walter izan ezik: Scotland Yardera joan zen, “Macgillivray mugiarazteko”, bere hitzetan. Garbitzaileak lanean zebiltzan korridore eta areto hutsetan, eta azkar zeharkatu genituen, liburuz eta mapaz betetako gela txiki batera iritsi arte. Hango bulegari egoiliarra aurkitu genuen eta hark itsas armadaren itsasaldi-gida ekarri zigun. Ni mahai aurrean eseri nintzen eta besteak zutik zeuden nire inguruan. Nolabait, espedizioaren arduradun bihurtu nintzen. Ez zuen ezertarako balio izan. Ehunka sarrera zeuden eta, ikusi nuenez, berrogeita hamar bat lekutan izango zen itsasgora ordu horretan. Aukeren kopurua gutxitzeko moduren bat aurkitu behar genuen. Burua esku artean hartu, eta pentsatzen hasi nintzen. Buruhauste hura ebazteko eraren bat egon behar zuen. Zer esan nahi zuen Scudderrek mailekin? Bururatu zitzaidan kai bateko mailak izan zitezkeela; baina, horrela izanez gero, ziur aski ez zukeen kopurua aipatuko. Eskailera ugari zituen lekuren bat izan behar zuen, eta eskailera batek baino ez zituen hogeita hemeretzi maila. Bat-batean, beste gauza bat otu zitzaidan eta ferry guztien irteerei begiratu nien. Baina ez zegoen kontinentera 22:17ean ateratzen zen itsasontzirik. Zergatik zen itsasaldia hain garrantzitsua? Portua izanez gero, portu txikia izan behar zuen itsasaldiak garrantzia izateko edo, bestela, gila sakoneko itsasontzia erabiliko zuten. Baina ordu horretan ez zen ferryrik ateratzen, eta ez nuen itsasontzi handi batean joango zirenik uste portu arrunt batetik abiatuta. Beraz, portu txikia izan behar zuen eta horregatik zen itsasaldia garrantzitsua edo, beharbada, ez zen portua. Aitzitik, portu txikia izan ezean, ez nuen mailen esanahia ulertzen. Ez nuen inoiz eskailerak zituen porturik ikusi. Eskailera berezi batzuk ezaugarri zituen leku bat izan behar zuen eta, han, 22:17ean izango zen itsasgora. Oro har, iruditzen zitzaidan lekuak kostalde ireki batean egon behar zuela. Baina ez nuen eskailerarena ulertzen. Orduan, ikuspegia zabaldu nuen. Nondik aterako zen Alemaniara joan nahi zuen gizon bat, presaka zebilen norbait, azkar eta inork ikusi gabe alde egin nahi zuena? Portu handietatik, ez. Ezta Mantxako Kanaletik ere, edota mendebaldeko kostaldetik edo Eskoziatik ere ez. Izan ere, gogoratu Londresetik abiatzen zela. Mapan, distantziak neurtu nituen, eta etsaiaren buruan sartzen saiatu nintzen. Ostendera, Antwerpera edo Rotterdamera joaten saiatuko nintzateke, eta ekialdeko kostaldetik itsasoratu, Cromer eta Dover artean. Hori guztia susmoak baino ez ziren, eta ez dut esango ondorio zientifikoak zirenik, ezta bereziki adimentsuak ere. Ez nintzen inolako Sherlock Holmes. Hala ere, nik uste beti izan dudala nolabaiteko sena halako aferetan. Ez dakit behar bezala azaltzen ari naizen, baina ahal den neurrian adimena erabiltzen dut eta, gehiago lortzen ez dudanean, igartzen saiatzen naiz eta, normalean, emaitza onak izaten ditut. Beraz, nire ondorio guztiak itsas armadaren paper batean idatzi nituen. Hona hemen: «NAHIKO ZIUR: Leku horretan, hainbat eskailera daude; horietako batek hogeita hemeretzi maila ditu. Itsasgora 22:17ean. Itsasgoran baino ezin da itsasoratu. Mailak ez dira kai batekoak, eta, ondorioz, baliteke portu bat ez izatea. Ez dago ferryrik 22:17ean. Garraiobideak itsasontzi komertziala (aukera gutxi), yatea edo arrantza-ontzia izan behar du». Nire arrazonamendua ez zen harago joaten. Beste zerrenda bat egin nuen, "igarrita" izenburuarekin, baina aurreko zerrenda bezain segurua zena. «IGARRITA: Lekua ez da portua, kostalde irekia baizik. Itsasontzia txikia da: arraste-ontzia, yatea edo txalupa. Lekua ekialdeko kostaldean dago nonbait, Cromer eta Dover artean.» Bitxia iruditu zitzaidan idazmahai hartan eserita egotea kabineteko ministro batekin, mariskal batekin, gobernuko goi-mailako bi ofizialekin eta jeneral frantziar batekin, guztiak niri begira hildako gizon baten oharretatik sekretu bat ateratzen saiatzen ari nintzela; eta sekretu hori hil edo biziko kontua zen guretzat. Sir Walter gurekin elkartu zen eta, gero, Macgillivray ere etorri zen. Aginduak eman zituen portuetan eta tren-geltokietan Sir Walterri deskribatu nizkion hiru gizonak harrapatzeko. Dena dela, hark zein beste guztiok ez genuen uste horrekin ezer lortuko zenik. —Hona hemen atera dezakedana —esan nien—. Hondartza batera ematen duten hainbat eskailera aurkitu behar ditugu. Eskailera horietako batek hogeita hemeretzi maila ditu. Uste dut kostalde irekia dela eta itsaslabar nahiko handiak daudela. The Wash eta Mantxako Kanalaren artean dago eta, han, itsasgora 22:17ean izango da bihar. Orduan, beste ideia bat bururatu zitzaidan. —Ez dago kostazainen artean-edo ekialdeko kostalde osoa ezagutzen duen ikuskariren bat? Whittakerrek esan zuen bazegoela eta Claphamen bizi zela. Autoz haren bila joan zen eta gainerako guztiok gela txiki hartan geratu ginen, bururatzen zitzaigunaren gainean mintzatzen. Pipa piztu nuen eta afera guztia berriz aztertu nuen, burmuina nekatu arte. Goizeko ordu bat aldera, kostazaina iritsi zen. Planta onekoa zen, itsas armadako ofiziala zirudien, eta besteei begirune handia zien. Gerra Ministroari utzi nion galdera egiten. Uste nuen nik galderak egitea lekuz kanpo zegoela irudituko zitzaiola. —Jakin nahi dugu ekialdeko kostaldean zer leku ezagutzen dituzun itsaslabarra eta eskailerak dituztenak. Momentu batez pentsatzen aritu zen. —Zer motatako eskailerak, jauna? Leku askotan, errepideek itsaslabarrak mozten dituzte, eta errepide gehienetan, zenbait maila daude. Edo eskailera arruntak esan nahi dituzu, mailarik baino ez duten eskailerak, nolabait esateko? Sir Arthurrek niri begiratu zidan. —Eskailera arruntak —erantzun nion. Minutu batez edo biz hausnartu zuen. —Ez dut halakorik ezagutzen. Itxaron momentu batez. Norfolken badago halako leku bat, Brattlesham, golf-zelai baten ondoan, eta eskailera pare bat dago jokalariek galdutako pilotak berreskura ditzaten. —Hori ez da —esan nuen. —Itsasaldeko pasealeku asko daude, horretaz ari bazara. Opor-leku guztiek badituzte. Ezezkoa egin nion buruarekin. —Hori baino ezkutuagoa izan behar du —esan nion. —Bada, jaunak, ez zait beste lekurik bururatzen. Beno, The Ruff ere hor da… —Hori zer da? —galdetu nion. —Kenten dagoen klerazko erdiuhartea da, Bradgatetik gertu. Goian txalet asko daude eta eskailerak dituzte etxeetatik hondartza pribatuetara joateko. Oso leku dotorea da eta hangoek bizimodu pribatua dute. Itsasaldiko gida ireki nuen, eta Bradgate bilatu. Ekainaren 15ean, itsasgora 22:27ean zen. —Azkenean, arrastoa aurkitu dugu —oihu egin nuen adoretsu—. Nola aurki dezaket The Ruffen itsasaldia zer ordutan izango den? —Hori nik esan diezazuket, jauna —ihardetsi zidan kostazainak—. Behin hango etxe bat utzi zidaten ekainean eta arrantzan joaten nintzen gauez. Itsasgora Bradgaten baino hamar minutu lehenago da. Liburua itxi nuen eta kideei begiratu nien. —Eskailera haietako batek hogeita hemeretzi maila izanez gero, misterioa argitu dugu, jaunak —esan nien—. Zure autoa utz iezadazu, Sir Walter, eta errepideen mapa bat. Macgillivray jaunak hamar minutu ematen badizkit, uste dut biharko zerbait presta dezakegula. Zentzugabea zen nik ardura hartzea halako afera batean, baina bazirudien ez zitzaiela axola eta, azken batean, istorioaren hasieratik hartu nuen parte. Gainera, lan latzetan eskarmentua nuen, eta goi-mailako jaun horiek adimentsuegiak ziren hori ez ikusteko. Royer jeneralak eman zidan agindua. —Niri, behintzat, —esan zuen—, ondo iruditzen zait Hannay jaunaren eskuetan uztea. Hiru eta erdiak baino lehen, Kenteko hesien paretik nindoan ziztu bizian ilargipean, Macgillivrayren poliziarik onena ondoan nuela. 10 - Talde anitz kostaldean elkartzen dira Ekaineko goiz arrosa eta urdin batean iritsi nintzen Bradgatera. Griffin Hoteletik, Cock hondartzako itsasargiari begiratu nion; distantzia hartatik, buia bat zirudien. Hiru bat kilometro hegoalderantz eta kostaldetik askoz gertuago, gerraontzi txiki bat ainguratuta zegoen. Scaife, Macgillivrayren polizia, itsas armadan egona zen eta itsasontzi hori ezagutzen zuen. Haren izena eta kapitainarena ere esan zizkidan, eta datu horiek telegramaz bidali nizkion Sir Walterri. Gosaldu ondoren, higiezinetako agente batek The Ruffeko eskaileren ateetako giltzak eman zizkion Scaiferi. Elkarrekin ibili ginen hondartzetatik eta, dozena-erdi eskailera horiek aztertzen zituen bitartean, itsaslabarrean zegoen sakonune batean eseri nintzen. Ez nuen nahi inork ni ikustea, nahiz eta ordu horretan ez zegoen inor eta kaioren bat baino ez nuen ikusten noizean behin. Scaifek ordubete baino gehiago eman zuen lan horretan eta ikusi nuenean paper-zati bati begira niregana etortzen ari zela, urduritu nintzen. Kontua zen dena nire susmoetan oinarritzen zela. Eskailera bakoitzean zenbat maila zeuden irakurri zuen. —Hogeita hamalau, hogeita hamabost, hogeita hemeretzi, berrogeita bi, berrogeita zazpi — eta— hogeita bat, itsaslabarrak baxuak diren lekuan—. Ia zutik jarri nintzen oihu egiteko. Herrira presaka itzuli ginen eta Macgillivrayri telegrama bidali nion. Dozena-erdi gizon behar nuen eta hainbat hoteletara joateko agindua eman nien. Orduan, Scaife hogeita hemeretzi mailen gainean zegoen etxea aztertzera joan zen. Itzuli zenean, ekarri zizkidan berriek harritu eta lasaitu ninduten. Etxeak Trafalgar Lodge izena zuen eta Appelton abizeneko jaun adindu batena zen. Higiezinetako agentearen arabera, burtsa-agente erretiratua zen. Appleton jaunak denbora luzea ematen zuen han udaldian eta, momentu hartan, han zegoen. Ia astebete lehenago iritsia zen. Scaifek ez zuen haren gaineko informazio handirik: gizon zintzoa zen, fakturak garaiz ordaintzen zituen, eta bertako ongintzazko erakundeei dirua ematen zien. Scaife etxearen atzeko atetik sartu zen, josketa-makinen saltzailea zela esanez. Hiru zerbitzari zeuden —sukaldaria, neskamea eta garbitzailea—, klase ertaineko edozein etxalde arruntetan bezala. Sukaldaria ez zen asko hitz egiten zuen horietakoa eta atea itxi zion ia; baina Scaifek esan zidan ziur zegoela ez zekiela ezer. Etxe ondoan etxe berri bat zegoen eta behatzeko ezkutaleku oso ona izan zitekeen. Beste aldean zegoen txaleta alokatzeko zegoen eta zaindu gabeko lorategi basatia zuen. Scaifek teleskopioa utzi zidan eta The Ruffen barna ibiltzera joan nintzen, bazkaldu baino lehen. Txalet-ilararen atzean geratu nintzen eta, golf-zelaiaren ertzean, talaia egokia aurkitu nuen. Handik, itsaslabarren gainean zegoen belardia ikusten zen, banku ugariz hornituta. Lursail karratuak ere bazeuden eta, handik, eskailerak jaisten ziren hondartzara. Trafalgar Lodge ere oso garbi ikusten nuen. Adreilu gorriko txaleta zen, karrerapea zuen, tenis-kantxa atzealdean eta, aurrean, berriz, kostaldeko lorategi arrunta, bitxilorez eta geranioz beteta. Bandera makila bat zegoen, eta bandera britainiar erraldoia zintzilik, geldirik erabat, haizerik ez zebilen eta. Orduan ikusi nuen norbait etxetik atera eta itsaslabar gainera joan zela paseoan. Teleskopioaren bitartez, gizon adindu bat ikusi nuen, flanela zurizko prakez, ehun urdinezko jaka batez eta lastozko txano batez jantzita. Prismatikoak eta egunkaria zeramatzan; burdinazko banku batan eseri zen eta irakurtzeari ekion zion. Batzuetan, egunkaria uzten zuen eta itsasoari begiratzen zion prismatikoekin. Gerraontziari luze begiratu zion. Ordu-erdiz aritu nintzen behaketa-lanetan. Orduan, zutik jarri zen eta etxera itzuli zen, bazkaltzera. Ni ere hotelera itzuli nintzen, bazkaltzera. Ez nengoen oso ziur. Etxebizitza arrunt eta errespetagarri hori ez zen espero nuena. Gizona landako baserri beldurgarri horren arkeologo burusoila izan zitekeen… edo ez. Hiri-inguruko auzo eta opor-leku guztietan ikusten diren gizon lasaien eta kontenten estereotipoa zen. Kalterik sortuko ez duen pertsona baten eredua marraztu nahi izanez gero, ziur aski, halako pertsona bat litzateke. Baina, bazkaldu ondoren, hoteleko arkupean eserita nengoela, ikustea espero nuen eta galdu nahi ez nuen hori ikusi nuen. Yate bat etorri zen hegoaldetik, eta The Ruff parean ainguratu. Ehun eta berrogeita hamar tona izango zituen, gutxi gorabehera, eta bandera zuriagatik ikusi nuen armadakoa zela. Beraz, Scaife eta biok portura joan ginen eta bote bat alokatu genuen, arratsaldea arrantzan emateko. Arratsalde epela eta lasaia zen. Elkarrekin hamar bat kilo bakailao eta arrain zuri harrapatu genituen, eta, han, dantzan ari zen itsaso urdinaren gainean, gauzak baikorrago ikusi nituen. The Ruffeko itsaslabar zurien gainean, txaleta berdeak eta gorriak ikusi nituen eta, batez ere, Trafalgar Lodgeko bandera makila handia. Laurak aldera, nahikoa arrantzatu ondoren, botezainari yatearen ingurura joateko eskatu nion. Txori zuri txiki baten modura, edozein momentutan ihes egiteko prest zegoen. Tamaina ikusita, Scaifek esan zidan itsasontzi azkarra zela eta motor handikoa. Itsasontziak Ariadne zuen izena, letoia distirarazten ari ziren gizonetako baten txanoan ikusi nuen. Harekin hitz egin nuen eta Essexeko dialekto leunean erantzun zidan. Beste marinel bat agertu zen eta Ingalaterrako azentuaz agurtu ninduen. Gure arrantzaleak haietako batekin eguraldiari buruzko eztabaida bat izan zuen eta, minutu batzuez, gure arraunak haien istriborreko brankatik gertu egon ziren. Bat-batean, gizonek guri kasu egiteari utzi zioten eta lanean murgildu ziren ofizial bat yatearen bizkarrera igo zela. Gazte atsegina eta itxura onekoa zen eta arrantzaren gainean galdetu zigun, oso ingeles onean. Hala ere, ez zegoen zalantzarik. Ile motzeko buru hori, lepokoa eta gorbata ez ziren inolaz ere ingelesak. Horrek baretu ninduen pixka bat, baina, Bradgatera arraunez itzultzen ari ginela, ezin nituen zalantzak baztertu. Kezkatzen ninduena zen etsaiek bazekitela informazioa Scudderengandik lortu nuela eta Scudderek leku horren kokalekua ere eman zidan. Scudderrek arrasto hori zuela jakinez gero, ez zituzten haien planak aldatuko? Plan haien arrakastaren mende zegoen dena, ezin zuten arriskurik hartu. Giltza zen ea zer puntutaraino ohartu ziren Scudderrek zer zekien. Bezperan, erabat ziur esan nuen alemaniarrek planak beti betetzen zituztela; baina, ni beren atzetik nenbilela susmoa izanez gero, tontakeria zatekeen arrisku hori ez saihestea. Nire buruari galdetu nion bezperan ikusitako gizona konturatu ote zen ezagutu nuela. Nolabait uste nuen ezetz eta hori zen nire itxaropena. Alabaina, afera ez zitzaidan inoiz arratsalde hartan bezain zaila iruditu, nahiz eta orduan, kalkulu guztien arabera, arrakasta ziurra ospatzen ibili beharko nukeen. Hotelean, gerraontziaren kapitaina ezagutu nuen. Scaifek elkar aurkeztu zigun eta harekin hitz egin nuen pixka batez. Orduan, Trafalgar Lodgeri ordu pare batez behatzea erabaki nuen. Aldapan gora, leku bat aurkitu nuen, hutsik zegoen etxe baten lorategian. Handik, tenis-kantxa ondo ikusten zen eta bi gizon jokatzen ari ziren. Bata dagoeneko ikusita nuen gizon adindua zen; bestea gaztea zen, klub baten koloreak zeramatzan gerri inguruan zuen zapian. Adore handiz jokatzen zuten, poroak irekitzeko ariketa bizia egin nahi zuten hiriko bi jaunek bezala. Hura baino ekintza tolesgabeagorik ezin nuen imajinatu. Garrasi eta barre egin zuten eta, neskame batek erretilu gainean bi pitxer ekarri zituenean, edateko eten bat egin zuten. Begiak igurtzi nituen, ez ote nintzen ni munduko memelorik handiena izango. Eskoziako landetan hegazkinez eta autoz ehizatu ninduten gizonak misterioz eta iluntasunez inguratuta zeuden, batez ere infernuko arkeologo hori. Erraza zen jende hori Scudder zoruan iltzatuta utzi zuen labanarekin lotzea, baita munduko bakea apurtzeko planekin ere. Baina aurrean nituen bi herritar errugabeak, inori kalterik egin gabe kirola egiten ari zirenak… Laster, etxeratuko ziren afari arrunta hartzera. Burtsaren prezioen gainean hitz egingo zuten eta azken kriket-emaitzak eta Surbitongo esamesak ere komentatuko zituzten. Putreak eta belatzak harrapatzeko sare bat egin nuen, eta begira! Bi txolarre potolo sartu ziren hutsegitez. Gero, hirugarren bat agertu zen, gizon gazte bat bizikleta baten gainean. Golf-makilak zeramatzan bizkar gainean, poltsa batean. Tenis-kantxara lasai gerturatu zen, eta jokalariek zarata handiz egin zioten ongietorria. Argi zegoen adarra jotzen ari zirela; kontu guztiak izugarri ingelesa zirudien. Orduan, gizon potoloa, kopeta setazko musuzapi batez igurtziz, esan zien bainu bat hartu behar zuela. Haren hitz zehatzak entzun nituen: —Izerditan blai nago. Honekin, pisua eta handicapa jaitsiko ditut, Bob. Bihar jokatuko dugu eta erraz irabaziko dizut—. Ez zegoen ezer hori baino ingelesagorik. Etxean sartu ziren eta benetan ergel sentitu nintzen. Oraingo honetan, ildo okerrean nenbilen. Beharbada, gizonak antzezten ari ziren, baina, hala izanez gero, non zegoen publikoa? Ez zekiten ni hogeita hamar metrora nengoela, errododendro batean. Ezinezkoa zen pentsatzea gizon osasuntsu horiek ez zirela ziruditena: hiri-inguruko ingeles arrunt, jokatzen; aspergarriak, beharbada, baina erabat errugabeak. Hala ere, hiru ziren eta haietako bat zaharra zen; beste bat, lodia, eta hirugarrena, argala eta beltzarana. Etxea Scudderren oharrekin lotuta zegoen, eta, hortik kilometro batera zegoen motordun yatean, bazegoen ofizial alemaniar bat, gutxienez. Karolidesekin gogoratu nintzen, Europa osoarekin, dar-dar eta lurrikara jasateko zorian. Londresen utzi nituen gizonekin ere oroitu nintzen, hurrengo orduetako gertaeren zain. Argi zegoen nonbait gauza txarrak gertatzen ari zirela. Harri Beltzak irabazi egin zuen eta, ekaineko gau hartatik bizirik ateraz gero, saria jasoko zuen. Gauza bakarra egin nezakeen: zalantzarik ez banu bezala jarraitu eta, tontoaren plantak egin behar banituen, muturreraino eraman. Ez nion inoiz lan bati hain gogo gutxirekin ekin. Momentu horretan nahiago nuen gordeleku anarkista batean sartu, guztiak Browning bat eskuetan zutela, edo nire kontra erasoan zetorren lehoi bati jostailuzko pistola batekin aurre egin, hiru ingeles alai horien etxean sartu eta azpijokoa bukatu egin zela esan baino. Gogoz barre egingo zidaten! Halako batean, Peter Pienaarrek Rhodesian behin kontatutako gauza batez gogoratu nintzen. Peter dagoeneko aipatu dut kontakizun honetan. Ezagutu nuen esploratzailerik onena zen eta, gizon agurgarri bihurtu baino lehen, legez kanpoko jardueretan ibilia zen askotan, polizia haren atzetik zuela adore handiz. Behin, Peterrekin, mozorroei buruz hitz egin nuen eta bazuen deigarria iruditu zitzaidan teoria bat. Azaldu zidan iheslaria trebea izanez gero, ezaugarri fisikoak ez zirela oso lagungarriak pertsona bat identifikatzeko, ziurtasun osoa eskaintzen zuten frogak kenduta (hatz-aztarnak, kasurako). Ile tindatuak eta bizar faltsuak barregarriak iruditzen zitzaizkion, umeentzako tontakeriak ziren horiek. Peterrek “giroa” deitzen zuen hori omen zen garrantzia zuen gauza bakarra. Gizon bat lehenbizikoz ikusi zuten lekutik oso desberdina zen inguru batean sar bazitekeen eta, garrantzitsuena, inguru berri horretan etxean bezala aritu eta hortik kanpo inoiz egon ez balitz bezala jokatzen bazuen, munduko detektiberik argienak ere nahasiko zituen. Eta istorio bat kontatzen zuen: behin, jaka beltz bat hartu, elizara joan eta, han, ereserki-liburua partekatu zuen bere bila zegoen gizonarekin. Gizon hark aurretiaz pertsona agurgarriz inguratu ikusi izan balu, ezagutuko zukeen; baina taberna batean argiak pistola batez itzaltzen baino ez zuen ikusi. Peterrek esandakoak gogoratzean, egun hartan lehenbiziko aldiz adorea sentitu nuen. Peter eskarmentudun txoria zen, baina gizon horiek txoritegiko bizkorrenak ziren. Eta Peterrek azaldutakoa egiten ari baziren? Gizon txotxolo bat beste itxura bat hartzen saiatzen da; gizon bizkor bat ez da itxuraz aldatzen, baina ezberdina dirudi. Peterrek bazuen beste esapide bat, errepide-langile nenbilenean oso lagungarri izan zitzaidana: «paper bat betetzean, ezinezkoa da paper horri eustea gure buruari pertsona hori dela sinetsarazi ezean». Horrek tenis-partiduarena azalduko zukeen. Gizon horiek ez zuten antzeztu behar. Heldulekuari bira eman, eta beste bizimodu batera pasatzen ziren, eta, bigarren bizimodu horretan, lehengoan bezain eroso zeuden. Klixea dirudi, baina Peterrek esaten zuen gaizkile handi guztien sekretua zela. Ia zortziak ziren eta Scaiferi aginduak ematera itzuli nintzen. Poliziak non kokatu esan nion eta ibiltzera atera nintzen. Ez nuen afaltzeko gogorik. Golf-zelaian ibili nintzen, hutsik zegoen ordu hartan, eta txaletetik iparralderago eta itsaslabar gainean zegoen leku bateraino joan nintzen. Bide berrietan eta txukunetan, flanelaz jantzita zegoen jendea ikusi nuen, tenisetik eta hondartzatik etxera zihoala. Telegrama bulegotik zetorren kostazain bat ere ikusi nuen, baita astoak eta canicheak etxerako bidean ere. Itsasoan, iluntze urdinean ikusi nuen Ariadnen eta hegoalderago zegoen gerraontzian argiak piztu zituztela eta, Cock hondartzatik harago, Thameserantz zihoazen ferryetan ere bai. Hain zen baketsua eta arrunta dena, non gero eta goibelago sentitzen bainintzen. Adore guztia behar nuen Trafalgar Lodgeraino abiatzeko bederatzi eta erdietan. Bidean umezain baten ondoan zihoan erbi-txakur bat ikusteak animatu ninduen. Rhodesian nuen txakur bat gogorarazten zidan, baita harekin Pali mendietara igarotako ehiza-egunak ere. Rhebok arreen bila joaten ginen. Gogoratu nuen behin animalia baten atzetik genbiltzala txakurrak eta biok arrastoa galdu genuela. Erbi-txakurrak ikusmenarekin gidatzen dira eta nire begiak nahiko onak dira, baina rhebok hura atera egin zen paisaiatik, besterik gabe. Geroago, jakin nuen nola egin zuen. Kopje grisen artean, belea ekaitz-hodeien artean bezain ikusezina zen. Ez zuen ihes egiteko beharrik: geldirik egotearekin nahikoa zuen atzean zuenarekin bat egiteko. Bat-batean, oroimen horiek guztiak burmuinean nahasi zitzaizkidan, aurrean nuen kasuan pentsatu nuen, eta denak uztartu nituen. Harri Beltzak ez zuen ihes egiteko beharrik. Paisaian, lasai ederrean desagertzen zen. Bide onetik nenbilen. Hori buru barruraino sartu nuen eta zin egin nuen ez nuela inoiz ahaztuko. Peter Pienaarrek edukiko zuen azken hitza. Ordurako, Scaifen poliziak beren lekuetan egongo ziren, baina ez zen inor ikusten. Etxea azoka bat bezain irekita zegoen, edozeinek ikusteko moduan. Metro bateko burdin hesi batek banatzen zuen itsaslabarreko errepidetik. Beheko leiho guztiak irekita zeuden; argi eta ahots baxuek esaten zidaten afariaren bukaeran zeudela. Dena ongintzazko erakunde baten azoka bezain publikoa eta agerikoa zen. Munduko tontorik handiena sentituz, ataka ireki nuen eta txirrina jo. Nire motako gizonok, munduko leku basatietan ibiliak garenok, oso ondo konpontzen gara bi motatako pertsonekin: goikoak eta behekoak, nolabait esatearren. Guk haiek ulertzen ditugu eta haiek gu. Gustura nengoen artzainekin, eskaleekin eta errepide-langileekin, baita Sir Walterrekin eta bezperan nirekin egondako gizonekin eta halakoekin ere. Ez dakit zergatik, baina horrela da. Baina nire motako gizonok ez dugu klase ertaineko mundu erosoa eta lasaia ulertzen: txaletetan eta hiri-inguruetan bizi direnak. Ez ditugu haien ikuspuntuak eta ohiturak ulertzen eta, aukeran, haietatik ihes egiten dugu, manba beltzetik ihes egiten dugun bezala. Neskame oso txukun batek atea ireki zidanean, ia ezin nuen hitz egin. Appleton jaunarekin hitz egiteko eskatu nion. Jangelara zuzenean sartzea izan zen nire plana, eta, ustekabean agertzean, agerian geratuko zen gizonek ezagutzen nindutela. Aitzitik, atondo txukun hartan, lekuak menperatu ninduen. Etxe britainiar mordo batean izaten diren golf-makilak, tenis-erraketak, lastozko txanoak, kaperak eta ibiltzeko makilak hor zeuden. Txukun tolestutako berokiak eta gabardinak harizko kutxa zahar bat gainean, kutxa luzeko erloju batek tiki-taka egiten, hormetan letoizko lapiko distiratsuak, barometro bat eta zaldi-lasterketa baten koadroa. Lekua eliza anglikano bat bezain konbentzionala zen. Neskameak izena galdetu zidanean, automatikoki esan nion eta egongela batera eraman ninduen, atondoaren eskuinetara. Gela hura are okerragoa zen. Ez nuen astirik aztertzeko, baina, tximinia-apalaren gainean, zenbait kirol talderen argazkiak ikusi nituen markoetan, Ingalaterrako eskola edo unibertsitate pribatuetakoak ziruditenak. Begiratu bat baino ez nien bota, berehalakoan bihotz eman eta neskameari jarraitu bainion. Baina beranduegi heldu nintzen. Jangelan sartua zen dagoeneko eta jabeari nire izena eman zion. Ez nuen ikusi hiru gizonek nola hartu zuten. Gelan sartu nintzenean, mahaiburuan zegoen gizon adindua altxatu, eta bira eman zuen ni agurtzeko. Arropa formalez jantzita zegoen, jaka motza eta gorbata beltza, eta nik potoloa deitzen nuen hori ere bai. Hirugarrena, beltzarana, traje urdinez jantzita zegoen, lepoko zuri leunarekin eta klub edo eskola baten koloreekin. Gizon zaharraren portaera perfektua zen. —Hannay jauna? —nigana zuzendu zen zalantzati—. Nirekin hitz egin nahi duzu? Momentu bat, lagunak, oraintxe itzuliko naiz. Joan gaitezen egongelara. Nahiz eta neure buruarengan batere konfiantzarik ez izan, nire burua jokoan sartzera behartu nuen. Aulki bat hartu nuen, eta eseri nintzen. —Uste dut gaur baino lehen elkar ezagutu dugula —esan nion—, eta badakizula zergatik etorri naizen. Ez zegoen argi handirik gela horretan, baina, haien aurpegietan ikusten nuenez,oso ondo egin zuten ez ulertuarena. —Agian, agian —esan zuen gizon zaharrak—. Nire memoria ez da oso ona eta, tamalez, esan beharko didazu zertara etorri zaren, jauna, ez baitakit. —Ondo da —esan nion eta iruditzen zitzaidan tontakeria hutsetan nenbilela—. Jokoa bukatu egin dela esatera etorri naiz. Zuek hirurok atxilotzeko egiaztagiria ekarri dut. —Atxilotzeko! —garrasi egin zuen gizon zaharrak eta, itxuraz, harrituta zegoen benetan—. Atxilotzeko! Jainkoarren, zergatik? —Franklin Scudder Londonen erailtzeagatik, maiatzaren 23an. —Ez dut inoiz ere izen hori entzun —erantzun zidan gizon zaharrak, ahots harrituz. Beste batek hitz egin zuen. —Hori Portland Placeko hilketa izan zen. Irakurri nuen. Jainkoarren, erotuta zaude! Nondik etorri zara? —Scotland Yardetik —erantzun nion. Minutu batez, isiltasuna erabatekoa izan zen. Gizon zaharra aurrean zuen platerari so zegoen, intxaur batekin jolasean eskuetan, ezer ulertzen ez duenaren itxurarekin. Orduan, gizon potoloak hitz egin zuen. Totelka hitz egin zuen, bazirudien hitzak kontu handiz hautatzen ari zela. —Ez urduritu, osaba —esan zuen—. Hau guztia zentzugabeko nahasketa da. Baina, batzuetan, halakoak gertatzen dira, eta erraz konponduko dugu. Gure errugabetasuna frogatzea ez da zaila izango. Maiatzaren hogeita hiruan atzerrian nengoela froga dezaket eta Bob bainuetxe batean zegoen. Zu Londresen zeunden, baina egin zenuena azal dezakezu. —Oso ondo, Percy! Erraza da, bai horixe. Hogeita hirua! Hori Agatharen ezkontzaren ondorengo eguna da. Ikus dezagun… Ni zertan nenbilen? Wokingetik etorri nintzen goizean eta Charlie Symonsekin bazkaldu nuen klubean. Gero… A, bai, Fishmongerstarrekin afaldu nuen. Ondo gogoratzen dut, txanporrauak gaizki egin zidan eta hurrengo goizean ez nengoen oso ondo. Arraioa, hor dago afaritik ekarri nuen zigarro-kutxa—. Mahai gainean zegoen objektu bati seinalatu zion eta barre egin zuen urduri. —Uste dut, jauna —esan zidan gazteak adeitsu—, onartuko duzula oker zabiltzala. Edozein ingelesek bezala poliziari lagundu nahi diogu, baina ez dugu nahi Scotland Yardek tontoarena egitea. Ezta, osaba? —Jakina, Bob—. Zirudienez, gizon adindua ahotsa berreskuratzen ari zen—. Jakina, autoritateei laguntzeko gure esku dagoen guztia egingo dugu. Baina hau… Hau gehiegi da. Ezin dut sinetsi. —Nelliek barre egingo du —esan zuen gizon potoloak—. Beti esan du asperraldiak hilko zintuela, ez zaizulako inoiz ezer gertatzen. Eta orain benetako arazoak dituzu — eta atsegin handiz hasi zen barreka. —Jainkoarren, bai. Pentsa! Hau bai klubean kontatzeko modukoa! Benetan, Hannay jauna, ziurrenik, haserretu behar nuke nire errugabetasuna frogatu behar izateagatik, baina dibertigarriegia da! Eman didazun izuarengatik barkatzekotan nago ia! Hain zeunden serio, ezen pentsatu dudan lo-ibiltaria naizela eta lo nengoela norbait erail dudala. Ezinezkoa zen itxurak egiten aritzea: benetakoegia zen. Goibeldu nintzen izugarri eta barkamena eskatzea eta alde egitea izan zen lehenbiziko pentsamendua. Baina erabaki nuen bukaeraraino joan behar nuela, nahiz eta Erresuma Batuko guztiek nitaz barre egin. Jangelako mahai gainean zeuden kandelek ez zuten argi handirik ematen, eta, nire nahastea argitzeko, zutik jarri eta atera joan nintzen, argi elektrikoa piztera. Bat-bateko argiak begiak kliskarazi zizkien eta ni, zutik, hiru aurpegi horiei so geratu nintzen. Ez nuen ezer garbirik atera. Bat zaharra eta burusoila zen; beste bat, potoloa eta hirugarrena, beltzarana eta argala. Haien itxuran ez zegoen ezer Eskozian nire atzetik ibilitakoak ez zirenik frogatzen zuenik, baina ez zegoen ezer haiek nor ziren jakiteko. Ez dakit zergatik nik –errepide-langile nintzela begietara begiratu zien eta beste behin Ned Ainslie izan zen horrek–, nire memoria eta behatzeko trebetasun onekin, ez nuen behar nuena aurkitu. Bazirudien esaten zuten hura zirela eta ezin nuen kontrakoa zinez esan. Han, jangela atsegin hartan, hormak akuafortez apainduta eta mantelinaz jantzitako emakume zahar baten erretratua tximinia gainean zegoela, ezin nuen landetako gaizkileekin lotzen zituen ezer ikusi. Nire ondoan, zilarrezko zigarro-kutxa bat zegoen eta ikusi nuen Saint Bede Klubeko Percival Appletonek golf-txapelketa batean irabazi zuela. Peter Pienaarrek esaten zuenari gogor eutsi behar izan nion etxe hartatik korrika ez ateratzeko. —Orduan —esan zidan gureak adeitsu—, ikusi duzunak lasaitzen zaitu, jauna? Ezin nuen ezer esan. —Espero dut zure betebeharren artean egotea afera barregarria hau bertan behera uztea. Ez naiz kezkatzen, baina ulertuko duzu herritar zintzo garenontzat hau ezatsegina dela. Ezezkoa egin nion buruarekin. —Alajaina! —gazteak garrasi egin zuen—. Hau gehiegi da! —Polizia-etxera eramango gaituzu? —galdetu zidan potoloak—. Hori liteke irtenbiderik onena, baina, segur aski, hemengo polizia-etxearekin ez zenuke nahiko izango. Zure baimena ikusteko eskubidea badut, baina ez dut zure gainean susmorik jarri nahi. Zure eginkizuna betetzen ari zara, besterik ez. Baina onartuko duzu oso ezatsegina dela. Zer egin behar duzu? Bi aukera baino ez zeuden: poliziei deitu hiruak atxilotzeko, edo nire akatsa onartu eta alde egin. Lekuarekin eta giro errugabearekin tentelduta nengoen eta ez zen errugabetasuna bakarrik, bazik eta aurpegi horietan ikusitako kezka eta benetako nahastea. —Ene, Peter Pienaar… —xuxurlatu nuen nire baitan, eta, istant batez, nire burua ia memelotzat hartu nuen eta haiei barkamena eskatu. —Bitartean, bridgean joka dezagun —esan zuen potoloak—. Horrekin, Hannay jaunak hausnartzeko denbora izango du eta, badakizue, laugarren jokalaria behar genuen. Jokatuko duzu, jauna? Klub bateko gonbidapen arrunta izan balitz bezala onartu nuen. Afera harekin zur eta lur nengoen. Egongelara joan ginen: mahaia kartetan jokatzeko prest zegoen eta erretzekoa eta edatekoa eskaini zidaten. Mahaira eseri nintzen, amets batean banengo bezala. Leihoa irekita zegoen eta ilargiak itsaslabarrak eta itsasoa argi horiz margotzen zituen. Ilargi-argia nire buruan ere bazegoen. Hiru gizonek lasaitasuna berreskuratu zuten eta eroso hitz egiten ari ziren. Edozein golf-klubetan entzuten den elkarrizketa erlaxatua zen. Itxura bitxia izan behar nuen han eserita, kopeta ilun, begiak galduta… Nire bikotekidea gizon gaztea zen. Normalean, bridgean nahiko ondo aritzen naiz, baina, gau hartan, oso gaizki aritu nintzen seguru asko. Ikusten ari ziren nahasi nindutela eta horrek inoiz baino gehiago lasaitu zituen. Hiru aurpegiei begiratzen nien, baina ez zidaten ezer esaten. Kontua ez zen itxura ezberdina zutela, baizik eta ezberdinak zirela. Peter Pienaarren hitzei ahalegin handiz heldu nien. Orduan, zerbaitek esnarazi ninduen. Gizon zaharrak kartak mahai gainean utzi zituen puru bat pizteko. Ez zuen berehala hartu. Momentu batez atzera mugitu zen aulkian eta hatz-muturrekin belaunen gainean jo zuen. Mugimendu hori landako baserrian ikusi nuen, ni haren aurrean nengoela eta haren atzean bi zerbitzari pistoladun. Gauza txikia zen, segundo batekoa, eta hori ez ikusteko aukera itzelak ziren, kartetara adi nengoelako, besteak beste. Baina ez nuen aukera hori galdu eta iruditu zitzaidan tximista bezain azkar, airea lainoz garbitu egin zela. Itzala desagertu zitzaidan burmuinetik eta hiru gizonak ezagutu nituen zalantzarik gabe. Tximinia gaineko erlojuak hamarrak eman zituen. Hiru aurpegiak nire aurrean aldatu ziren eta beren sekretuak azaldu zizkidaten. Gaztea hiltzailea zen. Aldarte onaren ordez, krudeltasuna eta bihozgabekeria ikusten nituen. Ez nuen zalantzarik haren labanak utzi zuela Scudder zoruan itsatsita. Karolides haren gisako batek erail zuen tiroz. Potoloaren hazpegiak desegin eta, berriro ere, nire aurrean berregin ziren. Ez zuen aurpegirik, ehun mozorro baizik, nahi zuenean janzteko edota aldatzeko. Aparteko antzezlea izango zatekeen. Beharbada, bezperan berak egin zuen Lord Alloarena, edo agian ez. Ez zitzaidan axola. Nire buruari galdetu nion hura ote zen lehenbizikoz Scudderren aztarna aurkitu zuena, eta Scudderri txartela utzi. Scudderrek zizipaza egiten zuela esan zidan eta imajina nezakeen zizipazak izua areagotzen zuela. Baina zaharra zen onena. Burmuina hutsa zen: izotza bezalakoa, kalkulatzailea, mailu erraldoi bat bezain errukigabea. Orain ikusten ari nintzela, ez nekien zergatik pentsatu nuen onbera zela. Masailezurra altzairu hotza bezalakoa zuen eta hegazti baten begien argitasun ankerra begietan. Jokatzen jarraitu nuen eta, segundoak pasatu ahala, bihotzean nuen gorrotoa handitzen ari zen. Gorroto horrek ia ito egiten ninduen eta kidearen galdera bat egin zidanean, ezin izan nion erantzun. Ezin nuen konpainia hori askoz luzeago jasan. —E! Bob! Begiratu ordua —esan zuen zaharrak—. Trena hartu beharko duzu. Bobek Londresera joan behar da gaur —gehitu zuen, niri begira. Orain, ahotsak doinu faltsua zuen erabat. Erlojuari begiratu nion. Hamar eta erdiak ziren kasik. —Tamalez, bidaia atzeratu beharko du —esan nion. —Ene, bada —esan zuen gazteak—. Uste nuen tontakeria hori bertan behera utzita zenuela. Joan beharra daukat. Nire helbidea emango dizut eta nahi duzun bermea ere bai. —Ez —esan nion —, geratu behar duzu. Uste dut orduan konturatu zirela jokoa larria zela. Aukera bat eta bakarra zeukaten: niri sinestarazi oker nenbilela eta porrot egin nuela. Zaharrak hitz egin zuen berriro. —Ilobaren fidantza ordainduko dut. Horrekin nahikoa izango duzu, ezta, Hannay jauna? —Nire imajinazioa zen, ala ahots koipetsu horretan zalantza nabari nuen? Ez zegoen zalantzarik: hari begira ari nintzela, betazalak jaitsi baitzituen belatz batek bezala. Txilibitua jo nuen. Istant batean, argi guztiak itzalita zeuden. Pare bat beso indartsuk gerritik heldu zidaten eta sakelak estali, badaezpada ere pistola ote neraman. —Schnell, Franz —ahots batek egin zuen oihu—, das Boot, das Boot! —Hitz horiek esatearekin batera, bi polizia ikusi nituen ilargiak argitutako belardian. Gazte beltzaranak leihotik egin zuen jauzi, hortik atera eta hesi baxu batean gora pasatu zen aitaren batean. Zaharrari heldu nion eta gela pertsonez bete zen. Potoloa harrapatu zutela ikusi nuen, baina nire arreta etxetik kanpo zegoen. Franzek azkar gurutzatu zuen errepidea eta hondartzarako eskaileren aurrean zegoen sarrerarantz zihoan. Polizia bat zihoan haren atzetik, baina ez zuen aukerarik. Eskaileren sarraila iheslariaren atzean itxi zen eta horri begira geratu nintzen, eskuekin zaharraren eztarriari eutsita, gizon batek eskailerak jaisteko beharko zuen tarteaz. Bat-batean nire gatibua nigandik askatu zen eta hormaren kontra aurka jauzi egin zuen. Klik bat entzun zen, palanka bati tira egin izan balio bezala. Lur azpitik eta oso urrundik, burrunba bat entzun zen, eta leihoaren beste aldean ikusi nuen eskaileretatik klerazko hauts-hodei bat ateratzen ari zela. Norbaitek argiak piztu zituen. Zaharra, begiak sutan, niri so zegoen. —Seguru dago —oihu egin zidan. — Beranduegi da hari jarraitzeko… Joan egin da… Irabazi egin du… Der Schwarzestein ist in der Siegeskrone. Begietan, garaipena baino gehiago zuen. Hegazti batek bezala ezkutatuta zeuzkan ordura arte, eta, orain, belatz baten harrotasunarekin kartsu irekita zeuden. Fanatiko baten sugarraz, dir-dir egiten zuten eta lehenengo aldiz konturatu nintzen aurka nuena benetan beldurgarria zela. Gizon hori espioia baino gehiago zen eta, modu nazkagarri batean bazen ere, abertzalea. Eskuburdinak jartzen ari zitzaizkiola, azken hitz batzuk esan nizkion. —Espero dut Franzek garaipena ondo hartzea. Jakin ezazu azken ordu honetan Ariadne gure menpean egon dela. Zazpi aste geroago, guztiok dakizuen bezala, gerra piztu zen. Lehenengo astean, armada berrian eman nuen izena, eta, Matabelen hartutako eskarmentuari esker, kapitain egin ninduten berehala. Baina uste dut lanik onena uniformez jantzi baino lehen egin nuela. Hitzatzea 'Hogeita hemeretzi mailak' John Buchan egile eskoziarraren hamazazpigarren liburua eta zortzigarren eleberria da. Lehenbizikoz, Blackwoods aldizkarian atera zen, 1915eko abuztua eta iraila bitartean; urrian, William Blackwood and Sons argitaletxeak liburu-formatuan plazaratu zuen. Abentura-liburua da. Hasieratik, 'Hogeita hemeretzi mailak'-ek arrakasta handia izan zuen. Lehenengo Mundu Gerra 1914an hasia zen, eta lubakietan zeuden soldaduek –baita haien ahaide eta beste milaka britainiarrek ere– gogoz irakurri zuten liburua: lehenengo hiru hilabeteetan 33.000 ale saldu ziren (garai hartan, nobelako 1.000 ale saltzen ziren, asko jota). Geroztik, 'Hogeita hemeretzi mailak' beti egon da herrialde ingelesdunen liburu-dendetan; ikastetxeen literatura-eskoletan irakurtzen da; liburuaren kontakizunean hiru film oinarritzen dira; eta antzerki- eta irrati-bertsio batzuk ere egin dira. Irakurleak Richard Hannay protagonistarekin identifikatzen dira edo, behintzat, haren aldekoak dira liburuan zehar. Itxuraz, Hannay gizon arrunta da, eta, nahi gabe, arazo larri batzuei aurre egin behar die: arruntasun hori urtu egiten da ataka estu batetik ateratzen den bakoitzean. Ondorengo hogeita bat urteetan, Richard Hannay protagonista izan zen Buchanen beste lau eleberriotan: 'Greenmantle' ('Kapaberdea', 1916; non alemaniarrek profeta musulman turkiar bat erabiltzen duten Ekialde Hurbileko biztanleriaren atxikimendua eskuratzeko); 'Mr. Standfast' ('Sendoegon jauna', 1919; non espioi alemaniar talde bat –irakurleek espioien nagusia 'Hogeita hemeretzi mailak'etik ezagutzen dute– guda modu zikinean irabazten saiatzen den); 'The Three Hostages' ('Hiru bahituak', 1924; non itxuraz establishment britainiarraren parte-hartzaile garrantzitsua den gizon batek hiru pertsona gazte bahitzen dituen, gizarte osoa suntsitzeko); 'The Island of Sheep' ('Ardien Irla', 1936; non Hannayk maltzur batzuen azpijokoa oztopatzen duen, eta oinordeko aberats bat salbatzen duen). Lehenengo Mundu Gerraren hasieran, Buchan inteligentzia-zerbitzu britainiarretan aritu zen, eta, neurri batean, 'Hogeita hemeretzi mailak' propaganda egiteko idatzi zuen: liburuan zehar alemaniarren azpijokoak gaitzesten dira, eta britainiarren portaera noblea eta zuzena agerian geratzen da. Baina egilearen asmo propagandistikoak ez zion liburuaren kalitateari kalterik egin, ezta irakurleen plazera oztopatu ere. Egilea John Buchan 1875ean jaio zen, Fifen, Eskoziako ekialdean. Aita apaiz protestantea zen. Fifeko kostaldeak eta eliza protestanteak 'Prester John' ('Apaiza Johannes', 1910) eleberrian leku garrantzitsua izan zuten. Familiak oporraldiak Eskoziako mugaldean ematen zituen, amaren gurasoekin, eta hango kultura eta paisaiak garrantzitsuak ziren Buchanen ipuin askotan, baita 'Witchwood' nobelan ('Sorginbasoa', 1927) eta 'Hogeita hemeretzi mailak'-en ere. Unibertsitatean ikasteko diru-sari bat irabazi zuen eta, hari esker, kultura klasikoa ikasi zuen Glasgown eta, geroago, Oxforden, elite britainiarraren gazteekin batera. Unibertsitate-garaian, poesia- eta saiakera-sari ugari jaso zituen, eta sei liburu argitaratu zituen. Lizentziatu ondoren, 1901ean, Buchanek inperio britainiarraren goi-mailako administrazioan lan egin zuen Hego Afrikan. Bigarren Boerren Gerran parte hartu zuen. Ingalaterrara itzuli zenean, 1903n, Thomas Nelson & Son argitaletxeko bazkide izendatu zuten, baita The Spectator aldizkariaren zuzendari ere. Zuzenbidean lizentziatu zen. Aldi berean, liburuak idazten jarraitu zuen; 1914 arte, hiru biografia, sei eleberri eta zazpi saiakera-liburu argitaratu zituen. 1907an Susan Grosvenor aristokratarekin ezkondu zen. Bikoteak lau seme-alaba izan zituen. Victoria erreginaren aldian jaioa eta hezia, Buchan abertzale eta inperialista zen, herrikide ia-ia guztiak bezala. Erresuma Batua eredugarria zela uste zuen eta, ondorioz, inperio britainiarrak mundua hobetzen zuelakoan zegoen. Inoiz, liburuetan erabili zituen esapide batzuengatik, iruzkingile batzuek arrazakeria leporatu izan diote; baina arazo hori ez zen Buchanena bakarrik, gizarte oso baten joera baizik. Hala nola, inoiz esan da Buchan antisemita zela; kasu horretan, aldiz, kritikak ez dira sinesgarriak, batez ere Buchan sionismoaren aldekoa zela ikusiz. Familia xume batean jaiota eta gaztetatik –Oxfordeko unibertsitateko garaitik– lagun boteretsu eta aristokratikoez inguratuta, Buchanen gizarte-maila horrekiko eta titulu eta dominekiko lilura nabaria izan zen. 'Hogeita hemeretzi mailak'-en, esaterako, ministro bat, almirante bat eta bi jeneral agertzen dira. Lehenengo Mundu Gerran, Buchan inteligentzia-zerbitzuetan aritu zen; The Times egunkariaren berriemailetako bat izan zen Frantzian; armadan izena eman zuen, eta, gudaren bukaerako, koronel izan zen; gerraren historia ofiziala idazten lagundu zuen; eta sei liburu plazaratu zituen. Gerra ondoren, liburuak plazaratzen jarraitu zuen (1918 eta 1940 artean, hemezortzi eleberri, zazpi biografia eta hogeita sei saiakera-liburu, azken horietako gehienak historiaren gainekoak). 1927an, alderdi kontserbadoreko legebiltzarkide izendatu zuten. 1935ean Jurgi V.ak lord izendatu zuen, eta Buchanek Tweedsmuir titulua hartu zuen. Urte haren azaroan, erregeak Kanadako gobernadore jeneral izendatu zuen. Hurrengo bost urteetan, Buchanek Kanada osoa ezagutu zuen; hango herri guztien alde lan egin zuen, aniztasunaren balioaz konbentzituta; alfabetatze-kanpaina garrantzitsu batzuk martxan jarri zituen; eta Kanadako literaturaren alde lan egin zuen. John Buchan 1940an hil zen, Kanadan. Eskoziarraren azken eleberriak –'Sick Heart River' ('Bihotz gaixo ibaia', 1941)– Kanadako iparraldean zahartuta eta gaixorik zegoen gizon batek egin zuen bidaia gogorraren gainekoa da. Buchanen liburu askotan bezala, gizonezko bat hiritik kanpo bizitzera behartuta dago, mendialdean eta egoera latzetan, baita beldurra eta oztopo anitz gainditzera ere. Nobelaren esaldi bat Buchanen aipurik ospetsuenetakoa da: “Bizitza hau zoragarria da, ahultzen ez garen bitartean”. Pertsonaiak Richard Hannay da liburuaren protagonista, Eskozian jaioa eta Hegoafrikan hezia. Kolonia britainiarrean meatze-ingeniari aritu da, eta, lan horri esker, dirutza irabazi du. 1914an, Erresuma Batura itzultzea erabaki du, dauzkan baliabideez Londresen gozatzera. Hiriburuan, aldiz, aspertu egin da, eta bakarrik dago gustura liburuan zehar gertatzen diren zailtasunei aurre egiten dienean. Hirian ezeroso sentitzen da; mendialdean, ordea, bere lekuan dago. Irakurle askoren beldur bati eta nahi bati ematen die gorputza Hannay pertsonaiak: batetik, gizartean –edo edozein egoeratan– deseroso sentitzeko beldurra, lekuz kanpo egotearena; bestetik, maltzurrak agertzen direnean, Hannayk bezain sendo eta ausart egin nahi genieke aurre. Franklin Scudder estatubatuar geldiezina da, hizkuntzalari apartekoa, zerbitzu sekretu britainiarrei informazioa ematen diena, eta espioi-talde alemaniar baten sekretuak jakin dituena. Espioiak horretaz konturatu direnez, Scudder, beldurrak jota, Londresera joan da babes bila, eta, azkenean, babes hori Hannayri eskatu behar izan dio, eta datu sekretuak kontatu dizkio. Scudder pertsonaiak beldurra eta jazarpen-sentsazioa txertatzen ditu liburuan, hasieran bere jazarpenarena eta, geroago eta liburuan zehar, Hannayrena. Espioi alemaniarrek Scudder erail dute, eta Hannay jazarri dute Londresen eta Eskozian barrena. Mozorrotzen eta nortasun anitzak hartzen adituak dira. Haien helburuak lortzeko bidean ez dute eragozpenik onartzen; maltzurrak dira. Onartu behar da Buchanen ikuspuntua espioiei dagokienez ez dela koherentea: alemaniarrak maltzurrak dira nortasun faltsuak hartzen dituztelako; Hannay, aldiz, heroi ausarta eta bertutetsua da gauza bera egiten duenean. Pertsonaia 'xume' asko daude, xumeak paper txikiak dituztelako kontakizunean, eta gizartean dituzten estatusak xeheak direlako. Nahiz eta protagonismo handirik ez izan, kontakizunari kolorea ematen diote, baita umorea ere. Hannayk Eskoziako mendebaldeko pertsonaien bertuteak goresten ditu, eta haiekin barre egiten dugunean, begirunez eta modu amultsuan egiten dugu. Londreseko pertsonaiekin, aldiz, Hannayk erabiltzen duen umore-mota ezberdina da, eta, batzuetan, haietaz egiten dugu barre, burugabeak direlako; kasu, Marmaduke pertsonaia penagarria agertzen denean. Gizon 'handi' batzuk –ministroak, jeneralak eta almiranteak– liburuaren bukaeran agertzen dira. Ziurrenik, goi-mailako politikariek eta militarrek ez lukete parte hartuko halako benetako krisialdi batean: istorioan parte hartzea Buchanen klase horrenganako miresmenaren lagin bat da. Garai historikoa 1914an, gizarte britainiarra industrializatuta zegoen, neurri handi batean, eta, hirietan, hiritar gehienek lan- eta bizi-egoera zailei aurre egin behar ohi zieten. Baina biztanleriaren ehuneko handi bat hirietatik kanpo bizi zen oraindik, eta, herrialdearen industrializazio-prozesua 1830 aldera hasi zenez, mendialdearekin nolabaiteko harreman zuten ia herritar guztiek. Esan daiteke 'Hogeita hemeretzi mailak'-ek aurreko bizimoduaren oroi-mina islatzen duela. Erresuma Batua munduko demokraziarik zaharrena dela askotan esaten den arren, garaiko hautesle-erroldak beste ideia bat ematen digu: emakumeek ez zuten bozkatzeko eskubiderik, ezta gizon guztiek ere (gizonezkoen ehuneko hirurogeik bazuen parte hartzea hauteskundeetan; hauteslea izateko eskubidea etxe-jabetzan zetzan). Hala ere, nahiz eta gaur egungo ikuspuntutik hiritarrek eskubide murriztuak izan, biztanleria ia-ia osoa abertzalea zen, oso, baita inperialista ere. 1914an, Britainiar Inperioak 450 milioi biztanle zituen, gutxi gorabehera, eta 30 milioi kilometro koadroko hedapena zuen. Munduan zehar, ez zuen benetako lehiakiderik, baina, Europan, egoera ezberdina zen: alde batetik, Erresuma Batuak Frantzia eta Errusia zituen aliatuak; bestetik, Alemaniak, Austria-Hungariak eta Italiak elkarren arteko hitzarmen militarra zuten. Ekainaren 28an anarkista batek Franz Ferdinand Austriakoa tiroka erail zuen eta aste batzuk geroago, Lehenengo Mundu Gerra lehertu zen. Gudan, hamar milioi bat lagun hil ziren. 'Hogeita hemeretzi mailak' gerraren bezperan kokatuta dago, eta guda-arriskua kontakizunean zehar antzematen dugu. Liburuaren hasieran, gerra saihestea da kezka; geroago, Erresuma Batuko eta Frantziako datu militarrak alemaniarrengandik babestea, gerra saihestezina dela-eta. Izadia eta paisaia Herri batean jaioa, Buchanek haurtzaroko oporraldiak mendialdean eman zituen, Eskoziako mugaldean. 'Hogeita hemeretzi mailak'-en, alde handia marrazten du hiriaren eta landaren artean. Hirian, Hannay aspertzen da, ia gaixorik sentitzen da; inguruan dituen pertsonaia asko funtsik gabekoak dira. Mendialdean, aldiz, bizirik sentitzen da, adimentsu eta bizkor; bertako pertsonaiak benetakoak dira, eta sustraiak dituzte, nolabait. Izadi-deskribapen ederrak daude Buchanen liburu askotan, eta ‘Hogeita hemeretzi mailak’-en ugari dira. Hirugarren kapituluan, Londresetik trenez atera denean, Hannayk zera pentsatu du: «Maiatzeko eguraldia ederra zen, elorri zuria loretan zegoen landare hesi guztietan, eta ez nuen ulertzen zergatik, lehenago libre nintzenean, Londresen geratu nintzen mendialde eder hauetara atera ordez». Liburuan zehar animalia anitz aipatzen dira –besteak beste, txori-mota asko–, baita landare-espezie ugari ere. Buchanek trebetasun berezia zuen inguru naturalak deskribatzeko, eta egiten dizkigun paisaiek kontakizuna girotzen dute. Gaiak Buchanek hainbat gai lantzen ditu: pertsona baten barruko sendotasuna, adimena eta ausardia; ezezagun bati ematen zaion laguntza; gizartearen eta egonkortasunaren onurak; aberria; espioitza eta gerra. Hala ere, egileak ez digu hausnarketa zuzenik eskaini gai horien gainean: akzioen eta pertsonaien hitzen bitartez mintzatzen zaigu, eta, horrela, geure ondorioak ateratzen ditugu. Estiloa '39 mailak' lehenengo pertsonan kontatzen da, eta Hannayk zuzen hitz egiten digu. Kontatzen digunagatik eta hitz egiteko moduagatik, irakurleak protagonistarekin identifikatu egiten dira hasieratik. Beste pertsonaia batzuek ere parte hartzen dute kontakizunean estilo zuzenean, norberak bere hizkera erabiliz. Zuzentasun horren poderioz, '39 mailak' arin eta gustura irakurtzeko moduko liburu bat da. Maltzurrak badaude –espioi alemaniarrak–, mozorrotuta eta maltzurkeriengatik bakarrik ezagutzen ditugunak. Baina 'Hogeita hemeretzi mailak' ez da zuri-beltzezko liburua. Maltzurren aurkakoa, Hannay, ez da ipuinetako printze bat, haragizko gizonezko bat baizik, eta ezaugarri bereziak ditu. Bigarren mailako pertsonaiak ere pertsonak dira, hiru dimentsiokoak, norberak bere hizkera eta ezaugarriekin: ez dira pertsonaia grisak, eta istorioari kolorea eta xarma ekartzen dizkiote. Dialektoak (edo hizkuntzak) 'Hogeita hemeretzi mailak' ingeles batuan idatzita dago, baina pertsonaia batzuek Londreseko mintzairaz hitz egiten dute, eta beste batzuek –gehiago– eskozieraz edo Eskoziako hegoaldeko dialektoaz. Eskoziako hegoaldeko hizkeraren gaineko eztabaidak –ea hizkuntza ala dialektoa den– hizkuntzalariak bi taldetan banatzen ditu. Batzuek azpimarratzen dute ingelesak eta eskozierak duten antza handia; beste batzuek ingelesdunen mintzaira hori ulertzeko zailtasun handia dagoela ohartarazten dute. Bide-langilearen esaldi bat aipatzearren: «Just take the barry, and wheel eneuch metal frae yon quarry doon the road to mak anither bing the morn»; ingeles batura eramanda: «Just take the wheelbarrow and bring enough stuff from the quarry down the road to make another mound tomorrow morning»; alegia: «Errota hartu, eta, hor den harrobitik, bihar beste tontor bat egiteko bezainbat ekarri». Dena dela, egileak hizkera hori erabiltzeak pertsonaiei sinesgarritasuna ematen die, baita kontakizunari kolorea eta giroa ere. Filmak eta antzerkia 'Hogeita hemeretzi mailak'-en oinarritzen diren zinema-bertsio, antzerki-lan eta irrati-bertsio batzuk daude; besteak beste, lau film. Haietako ospetsuena Alfred Hitchcocken '39 mailak' (1935) da eta, aditu batzuen arabera, zuzendari beraren 'North by Northwest' (1959) ere Buchanen kontakizunaren moldaketa bat da. Hitchcockek izenburua aldatu izana –'hogeita hemeretzi' '39' bihurtu zuen– esanguratsua da: pelikula nobelan oinarrituta dago, baina ez du modu zehatzean islatzen Buchanen istorioa. Iturriak eta ondarea Espioitza-nobela generoan, 'Hogeita hemeretzi mailak'-ek bi aitzindari ditu: Joseph Conraden 'Agente sekretua' (1907) eta Erskine Childersen 'Misterioa hareetan' (1903). Buchan eta Edmond Ironside jenerala ezagutzen zituzten lagun batzuen arabera, Buchanek Richard Hannay pertsonaia osatzeko militar britainiarren bizitza oinarritzat hartu zuen. 'Hogeita hemeretzi mailak' ihesaldi-kontakizunen aitzindaria izan zen eta, besteak beste, Geoffrey Householden 'Rogue Male' (1939) eta Ian Flemingen liburuak (1953-1964) –James Bond protagonistarekin– horren ondorengo zuzenak dira. Aritz Branton Donostia, 2017ko otsailean The Thirty-nine Steps Illustrations: Daniel Oppenheimer daniel.oppenheimer.ruiz@gmail.com 1. The Man Who Died 113 2. The Milkman Sets Out on his Travels 123 3. The Adventure of the Literary Innkeeper 129 4. The Adventure of the Radical Candidate 139 5. The Adventure of the Spectacled Roadman 148 6. The Adventure of the Bald Archaeologist 156 7. The Dry-Fly Fisherman 168 8. The Coming of the Black Stone 177 9. The Thirty-Nine Steps 184 10. Various Parties Converging on the Sea 191 1. The Man Who Died I returned from the City about three o'clock on that May afternoon pretty well disgusted with life. I had been three months in the Old Country, and was fed up with it. If anyone had told me a year ago that I would have been feeling like that I should have laughed at him; but there was the fact. The weather made me liverish, the talk of the ordinary Englishman made me sick, I couldn't get enough exercise, and the amusements of London seemed as flat as soda- water that has been standing in the sun. 'Richard Hannay,' I kept telling myself, 'you have got into the wrong ditch, my friend, and you had better climb out.' It made me bite my lips to think of the plans I had been building up those last years in Bulawayo. I had got my pile - not one of the big ones, but good enough for me; and I had figured out all kinds of ways of enjoying myself. My father had brought me out from Scotland at the age of six, and I had never been home since; so England was a sort of Arabian Nights to me, and I counted on stopping there for the rest of my days. But from the first I was disappointed with it. In about a week I was tired of seeing sights, and in less than a month I had had enough of restaurants and theatres and race-meetings. I had no real pal to go about with, which probably explains things. Plenty of people invited me to their houses, but they didn't seem much interested in me. They would fling me a question or two about South Africa, and then get on their own affairs. A lot of Imperialist ladies asked me to tea to meet schoolmasters from New Zealand and editors from Vancouver, and that was the dismalest business of all. Here was I, thirty-seven years old, sound in wind and limb, with enough money to have a good time, yawning my head off all day. I had just about settled to clear out and get back to the veld, for I was the best bored man in the United Kingdom. That afternoon I had been worrying my brokers about investments to give my mind something to work on, and on my way home I turned into my club - rather a pot-house, which took in Colonial members. I had a long drink, and read the evening papers. They were full of the row in the Near East, and there was an article about Karolides, the Greek Premier. I rather fancied the chap. From all accounts he seemed the one big man in the show; and he played a straight game too, which was more than could be said for most of them. I gathered that they hated him pretty blackly in Berlin and Vienna, but that we were going to stick by him, and one paper said that he was the only barrier between Europe and Armageddon. I remember wondering if I could get a job in those parts. It struck me that Albania was the sort of place that might keep a man from yawning. About six o'clock I went home, dressed, dined at the Cafe Royal, and turned into a music-hall. It was a silly show, all capering women and monkey-faced men, and I did not stay long. The night was fine and clear as I walked back to the flat I had hired near Portland Place. The crowd surged past me on the pavements, busy and chattering, and I envied the people for having something to do. These shop-girls and clerks and dandies and policemen had some interest in life that kept them going. I gave half-a-crown to a beggar because I saw him yawn; he was a fellow-sufferer. At Oxford Circus I looked up into the spring sky and I made a vow. I would give the Old Country another day to fit me into something; if nothing happened, I would take the next boat for the Cape. My flat was the first floor in a new block behind Langham Place. There was a common staircase, with a porter and a liftman at the entrance, but there was no restaurant or anything of that sort, and each flat was quite shut off from the others. I hate servants on the premises, so I had a fellow to look after me who came in by the day. He arrived before eight o'clock every morning and used to depart at seven, for I never dined at home. I was just fitting my key into the door when I noticed a man at my elbow. I had not seen him approach, and the sudden appearance made me start. He was a slim man, with a short brown beard and small, gimlety blue eyes. I recognized him as the occupant of a flat on the top floor, with whom I had passed the time of day on the stairs. 'Can I speak to you?' he said. 'May I come in for a minute?' He was steadying his voice with an effort, and his hand was pawing my arm. I got my door open and motioned him in. No sooner was he over the threshold than he made a dash for my back room, where I used to smoke and write my letters. Then he bolted back. 'Is the door locked?' he asked feverishly, and he fastened the chain with his own hand. 'I'm very sorry,' he said humbly. 'It's a mighty liberty, but you looked the kind of man who would understand. I've had you in my mind all this week when things got troublesome. Say, will you do me a good turn?' 'I'll listen to you,' I said. 'That's all I'll promise.' I was getting worried by the antics of this nervous little chap. There was a tray of drinks on a table beside him, from which he filled himself a stiff whisky-and-soda. He drank it off in three gulps, and cracked the glass as he set it down. 'Pardon,' he said, 'I'm a bit rattled tonight. You see, I happen at this moment to be dead.' I sat down in an armchair and lit my pipe. 'What does it feel like?' I asked. I was pretty certain that I had to deal with a madman. A smile flickered over his drawn face. 'I'm not mad - yet. Say, Sir, I've been watching you, and I reckon you're a cool customer. I reckon, too, you're an honest man, and not afraid of playing a bold hand. I'm going to confide in you. I need help worse than any man ever needed it, and I want to know if I can count you in.' 'Get on with your yarn,' I said, 'and I'll tell you.' He seemed to brace himself for a great effort, and then started on the queerest rigmarole. I didn't get hold of it at first, and I had to stop and ask him questions. But here is the gist of it: He was an American, from Kentucky, and after college, being pretty well off, he had started out to see the world. He wrote a bit, and acted as war correspondent for a Chicago paper, and spent a year or two in South-Eastern Europe. I gathered that he was a fine linguist, and had got to know pretty well the society in those parts. He spoke familiarly of many names that I remembered to have seen in the newspapers. He had played about with politics, he told me, at first for the interest of them, and then because he couldn't help himself. I read him as a sharp, restless fellow, who always wanted to get down to the roots of things. He got a little further down than he wanted. I am giving you what he told me as well as I could make it out. Away behind all the Governments and the armies there was a big subterranean movement going on, engineered by very dangerous people. He had come on it by accident; it fascinated him; he went further, and then he got caught. I gathered that most of the people in it were the sort of educated anarchists that make revolutions, but that beside them there were financiers who were playing for money. A clever man can make big profits on a falling market, and it suited the book of both classes to set Europe by the ears. He told me some queer things that explained a lot that had puzzled me - things that happened in the Balkan War, how one state suddenly came out on top, why alliances were made and broken, why certain men disappeared, and where the sinews of war came from. The aim of the whole conspiracy was to get Russia and Germany at loggerheads. When I asked why, he said that the anarchist lot thought it would give them their chance. Everything would be in the melting- pot, and they looked to see a new world emerge. The capitalists would rake in the shekels, and make fortunes by buying up wreckage. Capital, he said, had no conscience and no fatherland. Besides, the Jew was behind it, and the Jew hated Russia worse than hell. 'Do you wonder?' he cried. 'For three hundred years they have been persecuted, and this is the return match for the pogroms. The Jew is everywhere, but you have to go far down the backstairs to find him. Take any big Teutonic business concern. If you have dealings with it the first man you meet is Prince von und Zu Something, an elegant young man who talks Eton-and-Harrow English. But he cuts no ice. If your business is big, you get behind him and find a prognathous Westphalian with a retreating brow and the manners of a hog. He is the German business man that gives your English papers the shakes. But if you're on the biggest kind of job and are bound to get to the real boss, ten to one you are brought up against a little white-faced Jew in a bath-chair with an eye like a rattlesnake. Yes, Sir, he is the man who is ruling the world just now, and he has his knife in the Empire of the Tzar, because his aunt was outraged and his father flogged in some one-horse location on the Volga.' I could not help saying that his Jew-anarchists seemed to have got left behind a little. 'Yes and no,' he said. 'They won up to a point, but they struck a bigger thing than money, a thing that couldn't be bought, the old elemental fighting instincts of man. If you're going to be killed you invent some kind of flag and country to fight for, and if you survive you get to love the thing. Those foolish devils of soldiers have found something they care for, and that has upset the pretty plan laid in Berlin and Vienna. But my friends haven't played their last card by a long sight. They've gotten the ace up their sleeves, and unless I can keep alive for a month they are going to play it and win.' 'But I thought you were dead,' I put in. 'MORS JANUA VITAE,' he smiled. (I recognized the quotation: it was about all the Latin I knew.) 'I'm coming to that, but I've got to put you wise about a lot of things first. If you read your newspaper, I guess you know the name of Constantine Karolides?' I sat up at that, for I had been reading about him that very afternoon. 'He is the man that has wrecked all their games. He is the one big brain in the whole show, and he happens also to be an honest man. Therefore he has been marked down these twelve months past. I found that out - not that it was difficult, for any fool could guess as much. But I found out the way they were going to get him, and that knowledge was deadly. That's why I have had to decease.' He had another drink, and I mixed it for him myself, for I was getting interested in the beggar. 'They can't get him in his own land, for he has a bodyguard of Epirotes that would skin their grandmothers. But on the 15th day of June he is coming to this city. The British Foreign Office has taken to having International tea-parties, and the biggest of them is due on that date. Now Karolides is reckoned the principal guest, and if my friends have their way he will never return to his admiring countrymen.' 'That's simple enough, anyhow,' I said. 'You can warn him and keep him at home.' 'And play their game?' he asked sharply. 'If he does not come they win, for he's the only man that can straighten out the tangle. And if his Government are warned he won't come, for he does not know how big the stakes will be on June the 15th.' 'What about the British Government?' I said. 'They're not going to let their guests be murdered. Tip them the wink, and they'll take extra precautions.' 'No good. They might stuff your city with plain-clothes detectives and double the police and Constantine would still be a doomed man. My friends are not playing this game for candy. They want a big occasion for the taking off, with the eyes of all Europe on it. He'll be murdered by an Austrian, and there'll be plenty of evidence to show the connivance of the big folk in Vienna and Berlin. It will all be an infernal lie, of course, but the case will look black enough to the world. I'm not talking hot air, my friend. I happen to know every detail of the hellish contrivance, and I can tell you it will be the most finished piece of blackguardism since the Borgias. But it's not going to come off if there's a certain man who knows the wheels of the business alive right here in London on the 15th day of June. And that man is going to be your servant, Franklin P. Scudder.' I was getting to like the little chap. His jaw had shut like a rat- trap, and there was the fire of battle in his gimlety eyes. If he was spinning me a yarn he could act up to it. 'Where did you find out this story?' I asked. 'I got the first hint in an inn on the Achensee in Tyrol. That set me inquiring, and I collected my other clues in a fur-shop in the Galician quarter of Buda, in a Strangers' Club in Vienna, and in a little bookshop off the Racknitzstrasse in Leipsic. I completed my evidence ten days ago in Paris. I can't tell you the details now, for it's something of a history. When I was quite sure in my own mind I judged it my business to disappear, and I reached this city by a mighty queer circuit. I left Paris a dandified young French-American, and I sailed from Hamburg a Jew diamond merchant. In Norway I was an English student of Ibsen collecting materials for lectures, but when I left Bergen I was a cinema-man with special ski films. And I came here from Leith with a lot of pulp-wood propositions in my pocket to put before the London newspapers. Till yesterday I thought I had muddied my trail some, and was feeling pretty happy. Then ...' The recollection seemed to upset him, and he gulped down some more whisky. 'Then I saw a man standing in the street outside this block. I used to stay close in my room all day, and only slip out after dark for an hour or two. I watched him for a bit from my window, and I thought I recognized him ... He came in and spoke to the porter ... When I came back from my walk last night I found a card in my letter-box. It bore the name of the man I want least to meet on God's earth.' I think that the look in my companion's eyes, the sheer naked scare on his face, completed my conviction of his honesty. My own voice sharpened a bit as I asked him what he did next. 'I realized that I was bottled as sure as a pickled herring, and that there was only one way out. I had to die. If my pursuers knew I was dead they would go to sleep again.' 'How did you manage it?' 'I told the man that valets me that I was feeling pretty bad, and I got myself up to look like death. That wasn't difficult, for I'm no slouch at disguises. Then I got a corpse - you can always get a body in London if you know where to go for it. I fetched it back in a trunk on the top of a four-wheeler, and I had to be assisted upstairs to my room. You see I had to pile up some evidence for the inquest. I went to bed and got my man to mix me a sleeping- draught, and then told him to clear out. He wanted to fetch a doctor, but I swore some and said I couldn't abide leeches. When I was left alone I started in to fake up that corpse. He was my size, and I judged had perished from too much alcohol, so I put some spirits handy about the place. The jaw was the weak point in the likeness, so I blew it away with a revolver. I daresay there will be somebody tomorrow to swear to having heard a shot, but there are no neighbours on my floor, and I guessed I could risk it. So I left the body in bed dressed up in my pyjamas, with a revolver lying on the bed-clothes and a considerable mess around. Then I got into a suit of clothes I had kept waiting for emergencies. I didn't dare to shave for fear of leaving tracks, and besides, it wasn't any kind of use my trying to get into the streets. I had had you in my mind all day, and there seemed nothing to do but to make an appeal to you. I watched from my window till I saw you come home, and then slipped down the stair to meet you ... There, Sir, I guess you know about as much as me of this business.' He sat blinking like an owl, fluttering with nerves and yet desperately determined. By this time I was pretty well convinced that he was going straight with me. It was the wildest sort of narrative, but I had heard in my time many steep tales which had turned out to be true, and I had made a practice of judging the man rather than the story. If he had wanted to get a location in my flat, and then cut my throat, he would have pitched a milder yarn. 'Hand me your key,' I said, 'and I'll take a look at the corpse. Excuse my caution, but I'm bound to verify a bit if I can.' He shook his head mournfully. 'I reckoned you'd ask for that, but I haven't got it. It's on my chain on the dressing-table. I had to leave it behind, for I couldn't leave any clues to breed suspicions. The gentry who are after me are pretty bright-eyed citizens. You'll have to take me on trust for the night, and tomorrow you'll get proof of the corpse business right enough.' I thought for an instant or two. 'Right. I'll trust you for the night. I'll lock you into this room and keep the key. just one word, Mr Scudder. I believe you're straight, but if so be you are not I should warn you that I'm a handy man with a gun.' 'Sure,' he said, jumping up with some briskness. 'I haven't the privilege of your name, Sir, but let me tell you that you're a white man. I'll thank you to lend me a razor.' I took him into my bedroom and turned him loose. In half an hour's time a figure came out that I scarcely recognized. Only his gimlety, hungry eyes were the same. He was shaved clean, his hair was parted in the middle, and he had cut his eyebrows. Further, he carried himself as if he had been drilled, and was the very model, even to the brown complexion, of some British officer who had had a long spell in India. He had a monocle, too, which he stuck in his eye, and every trace of the American had gone out of his speech. 'My hat! Mr Scudder -' I stammered. 'Not Mr Scudder,' he corrected; 'Captain Theophilus Digby, of the 40th Gurkhas, presently home on leave. I'll thank you to remember that, Sir.' I made him up a bed in my smoking-room and sought my own couch, more cheerful than I had been for the past month. Things did happen occasionally, even in this God-forgotten metropolis. I woke next morning to hear my man, Paddock, making the deuce of a row at the smoking-room door. Paddock was a fellow I had done a good turn to out on the Selakwe, and I had inspanned him as my servant as soon as I got to England. He had about as much gift of the gab as a hippopotamus, and was not a great hand at valeting, but I knew I could count on his loyalty. 'Stop that row, Paddock,' I said. 'There's a friend of mine, Captain - Captain' (I couldn't remember the name) 'dossing down in there. Get breakfast for two and then come and speak to me.' I told Paddock a fine story about how my friend was a great swell, with his nerves pretty bad from overwork, who wanted absolute rest and stillness. Nobody had got to know he was here, or he would be besieged by communications from the India Office and the Prime Minister and his cure would be ruined. I am bound to say Scudder played up splendidly when he came to breakfast. He fixed Paddock with his eyeglass, just like a British officer, asked him about the Boer War, and slung out at me a lot of stuff about imaginary pals. Paddock couldn't learn to call me 'Sir', but he 'sirred' Scudder as if his life depended on it. I left him with the newspaper and a box of cigars, and went down to the City till luncheon. When I got back the lift-man had an important face. 'Nawsty business 'ere this morning, Sir. Gent in No. 15 been and shot 'isself. They've just took 'im to the mortiary. The police are up there now.' I ascended to No. 15, and found a couple of bobbies and an inspector busy making an examination. I asked a few idiotic questions, and they soon kicked me out. Then I found the man that had valeted Scudder, and pumped him, but I could see he suspected nothing. He was a whining fellow with a churchyard face, and half- a-crown went far to console him. I attended the inquest next day. A partner of some publishing firm gave evidence that the deceased had brought him wood-pulp propositions, and had been, he believed, an agent of an American business. The jury found it a case of suicide while of unsound mind, and the few effects were handed over to the American Consul to deal with. I gave Scudder a full account of the affair, and it interested him greatly. He said he wished he could have attended the inquest, for he reckoned it would be about as spicy as to read one's own obituary notice. The first two days he stayed with me in that back room he was very peaceful. He read and smoked a bit, and made a heap of jottings in a note-book, and every night we had a game of chess, at which he beat me hollow. I think he was nursing his nerves back to health, for he had had a pretty trying time. But on the third day I could see he was beginning to get restless. He fixed up a list of the days till June 15th, and ticked each off with a red pencil, making remarks in shorthand against them. I would find him sunk in a brown study, with his sharp eyes abstracted, and after those spells of meditation he was apt to be very despondent. Then I could see that he began to get edgy again. He listened for little noises, and was always asking me if Paddock could be trusted. Once or twice he got very peevish, and apologized for it. I didn't blame him. I made every allowance, for he had taken on a fairly stiff job. It was not the safety of his own skin that troubled him, but the success of the scheme he had planned. That little man was clean grit all through, without a soft spot in him. One night he was very solemn. 'Say, Hannay,' he said, 'I judge I should let you a bit deeper into this business. I should hate to go out without leaving somebody else to put up a fight.' And he began to tell me in detail what I had only heard from him vaguely. I did not give him very close attention. The fact is, I was more interested in his own adventures than in his high politics. I reckoned that Karolides and his affairs were not my business, leaving all that to him. So a lot that he said slipped clean out of my memory. I remember that he was very clear that the danger to Karolides would not begin till he had got to London, and would come from the very highest quarters, where there would be no thought of suspicion. He mentioned the name of a woman - Julia Czechenyi - as having something to do with the danger. She would be the decoy, I gathered, to get Karolides out of the care of his guards. He talked, too, about a Black Stone and a man that lisped in his speech, and he described very particularly somebody that he never referred to without a shudder - an old man with a young voice who could hood his eyes like a hawk. He spoke a good deal about death, too. He was mortally anxious about winning through with his job, but he didn't care a rush for his life. 'I reckon it's like going to sleep when you are pretty well tired out, and waking to find a summer day with the scent of hay coming in at the window. I used to thank God for such mornings way back in the Blue-Grass country, and I guess I'll thank Him when I wake up on the other side of Jordan.' Next day he was much more cheerful, and read the life of Stonewall Jackson much of the time. I went out to dinner with a mining engineer I had got to see on business, and came back about half-past ten in time for our game of chess before turning in. I had a cigar in my mouth, I remember, as I pushed open the smoking-room door. The lights were not lit, which struck me as odd. I wondered if Scudder had turned in already. I snapped the switch, but there was nobody there. Then I saw something in the far corner which made me drop my cigar and fall into a cold sweat. My guest was lying sprawled on his back. There was a long knife through his heart which skewered him to the floor. 2. The Milkman Sets Out on his Travels I sat down in an armchair and felt very sick. That lasted for maybe five minutes, and was succeeded by a fit of the horrors. The poor staring white face on the floor was more than I could bear, and I managed to get a table-cloth and cover it. Then I staggered to a cupboard, found the brandy and swallowed several mouthfuls. I had seen men die violently before; indeed, I had killed a few myself in the Matabele War; but this cold-blooded indoor business was different. Still I managed to pull myself together. I looked at my watch, and saw that it was half-past ten. An idea seized me, and I went over the flat with a small-tooth comb. There was nobody there, nor any trace of anybody, but I shuttered and bolted all the windows and put the chain on the door. By this time my wits were coming back to me, and I could think again. It took me about an hour to figure the thing out, and I did not hurry, for, unless the murderer came back, I had till about six o'clock in the morning for my cogitations. I was in the soup - that was pretty clear. Any shadow of a doubt I might have had about the truth of Scudder's tale was now gone. The proof of it was lying under the table-cloth. The men who knew that he knew what he knew had found him, and had taken the best way to make certain of his silence. Yes; but he had been in my rooms four days, and his enemies must have reckoned that he had confided in me. So I would be the next to go. It might be that very night, or next day, or the day after, but my number was up all right. Then suddenly I thought of another probability. Supposing I went out now and called in the police, or went to bed and let Paddock find the body and call them in the morning. What kind of a story was I to tell about Scudder? I had lied to Paddock about him, and the whole thing looked desperately fishy. If I made a clean breast of it and told the police everything he had told me, they would simply laugh at me. The odds were a thousand to one that I would be charged with the murder, and the circumstantial evidence was strong enough to hang me. Few people knew me in England; I had no real pal who could come forward and swear to my character. Perhaps that was what those secret enemies were playing for. They were clever enough for anything, and an English prison was as good a way of getting rid of me till after June 15th as a knife in my chest. Besides, if I told the whole story, and by any miracle was believed, I would be playing their game. Karolides would stay at home, which was what they wanted. Somehow or other the sight of Scudder's dead face had made me a passionate believer in his scheme. He was gone, but he had taken me into his confidence, and I was pretty well bound to carry on his work. You may think this ridiculous for a man in danger of his life, but that was the way I looked at it. I am an ordinary sort of fellow, not braver than other people, but I hate to see a good man downed, and that long knife would not be the end of Scudder if I could play the game in his place. It took me an hour or two to think this out, and by that time I had come to a decision. I must vanish somehow, and keep vanished till the end of the second week in June. Then I must somehow find a way to get in touch with the Government people and tell them what Scudder had told me. I wished to Heaven he had told me more, and that I had listened more carefully to the little he had told me. I knew nothing but the barest facts. There was a big risk that, even if I weathered the other dangers, I would not be believed in the end. I must take my chance of that, and hope that something might happen which would confirm my tale in the eyes of the Government. My first job was to keep going for the next three weeks. It was now the 24th day of May, and that meant twenty days of hiding before I could venture to approach the powers that be. I reckoned that two sets of people would be looking for me - Scudder's enemies to put me out of existence, and the police, who would want me for Scudder's murder. It was going to be a giddy hunt, and it was queer how the prospect comforted me. I had been slack so long that almost any chance of activity was welcome. When I had to sit alone with that corpse and wait on Fortune I was no better than a crushed worm, but if my neck's safety was to hang on my own wits I was prepared to be cheerful about it. My next thought was whether Scudder had any papers about him to give me a better clue to the business. I drew back the table-cloth and searched his pockets, for I had no longer any shrinking from the body. The face was wonderfully calm for a man who had been struck down in a moment. There was nothing in the breast-pocket, and only a few loose coins and a cigar-holder in the waistcoat. The trousers held a little penknife and some silver, and the side pocket of his jacket contained an old crocodile-skin cigar-case. There was no sign of the little black book in which I had seen him making notes. That had no doubt been taken by his murderer. But as I looked up from my task I saw that some drawers had been pulled out in the writing-table. Scudder would never have left them in that state, for he was the tidiest of mortals. Someone must have been searching for something - perhaps for the pocket-book. I went round the flat and found that everything had been ransacked - the inside of books, drawers, cupboards, boxes, even the pockets of the clothes in my wardrobe, and the sideboard in the dining-room. There was no trace of the book. Most likely the enemy had found it, but they had not found it on Scudder's body. Then I got out an atlas and looked at a big map of the British Isles. My notion was to get off to some wild district, where my veldcraft would be of some use to me, for I would be like a trapped rat in a city. I considered that Scotland would be best, for my people were Scotch and I could pass anywhere as an ordinary Scotsman. I had half an idea at first to be a German tourist, for my father had had German partners, and I had been brought up to speak the tongue pretty fluently, not to mention having put in three years prospecting for copper in German Damaraland. But I calculated that it would be less conspicuous to be a Scot, and less in a line with what the police might know of my past. I fixed on Galloway as the best place to go. It was the nearest wild part of Scotland, so far as I could figure it out, and from the look of the map was not over thick with population. A search in Bradshaw informed me that a train left St Pancras at 7.10, which would land me at any Galloway station in the late afternoon. That was well enough, but a more important matter was how I was to make my way to St Pancras, for I was pretty certain that Scudder's friends would be watching outside. This puzzled me for a bit; then I had an inspiration, on which I went to bed and slept for two troubled hours. I got up at four and opened my bedroom shutters. The faint light of a fine summer morning was flooding the skies, and the sparrows had begun to chatter. I had a great revulsion of feeling, and felt a God-forgotten fool. My inclination was to let things slide, and trust to the British police taking a reasonable view of my case. But as I reviewed the situation I could find no arguments to bring against my decision of the previous night, so with a wry mouth I resolved to go on with my plan. I was not feeling in any particular funk; only disinclined to go looking for trouble, if you understand me. I hunted out a well-used tweed suit, a pair of strong nailed boots, and a flannel shirt with a collar. Into my pockets I stuffed a spare shirt, a cloth cap, some handkerchiefs, and a tooth-brush. I had drawn a good sum in gold from the bank two days before, in case Scudder should want money, and I took fifty pounds of it in sovereigns in a belt which I had brought back from Rhodesia. That was about all I wanted. Then I had a bath, and cut my moustache, which was long and drooping, into a short stubbly fringe. Now came the next step. Paddock used to arrive punctually at 7.30 and let himself in with a latch-key. But about twenty minutes to seven, as I knew from bitter experience, the milkman turned up with a great clatter of cans, and deposited my share outside my door. I had seen that milkman sometimes when I had gone out for an early ride. He was a young man about my own height, with an ill-nourished moustache, and he wore a white overall. On him I staked all my chances. I went into the darkened smoking-room where the rays of morning light were beginning to creep through the shutters. There I breakfasted off a whisky-and-soda and some biscuits from the cupboard. By this time it was getting on for six o'clock. I put a pipe in My Pocket and filled my pouch from the tobacco jar on the table by the fireplace. As I poked into the tobacco my fingers touched something hard, and I drew out Scudder's little black pocket-book ... That seemed to me a good omen. I lifted the cloth from the body and was amazed at the peace and dignity of the dead face. 'Goodbye, old chap,' I said; 'I am going to do my best for you. Wish me well, wherever you are.' Then I hung about in the hall waiting for the milkman. That was the worst part of the business, for I was fairly choking to get out of doors. Six-thirty passed, then six-forty, but still he did not come. The fool had chosen this day of all days to be late. At one minute after the quarter to seven I heard the rattle of the cans outside. I opened the front door, and there was my man, singling out my cans from a bunch he carried and whistling through his teeth. He jumped a bit at the sight of me. 'Come in here a moment,' I said. 'I want a word with you.' And I led him into the dining-room. 'I reckon you're a bit of a sportsman,' I said, 'and I want you to do me a service. Lend me your cap and overall for ten minutes, and here's a sovereign for you.' His eyes opened at the sight of the gold, and he grinned broadly. 'Wot's the gyme? 'he asked. 'A bet,' I said. 'I haven't time to explain, but to win it I've got to be a milkman for the next ten minutes. All you've got to do is to stay here till I come back. You'll be a bit late, but nobody will complain, and you'll have that quid for yourself.' 'Right-o!' he said cheerily. 'I ain't the man to spoil a bit of sport. 'Ere's the rig, guv'nor.' I stuck on his flat blue hat and his white overall, picked up the cans, banged my door, and went whistling downstairs. The porter at the foot told me to shut my jaw, which sounded as if my make-up was adequate. At first I thought there was nobody in the street. Then I caught sight of a policeman a hundred yards down, and a loafer shuffling past on the other side. Some impulse made me raise my eyes to the house opposite, and there at a first-floor window was a face. As the loafer passed he looked up, and I fancied a signal was exchanged. I crossed the street, whistling gaily and imitating the jaunty swing of the milkman. Then I took the first side street, and went up a left-hand turning which led past a bit of vacant ground. There was no one in the little street, so I dropped the milk-cans inside the hoarding and sent the cap and overall after them. I had only just put on my cloth cap when a postman came round the corner. I gave him good morning and he answered me unsuspiciously. At the moment the clock of a neighbouring church struck the hour of seven. There was not a second to spare. As soon as I got to Euston Road I took to my heels and ran. The clock at Euston Station showed five minutes past the hour. At St Pancras I had no time to take a ticket, let alone that I had not settled upon my destination. A porter told me the platform, and as I entered it I saw the train already in motion. Two station officials blocked the way, but I dodged them and clambered into the last carriage. Three minutes later, as we were roaring through the northern tunnels, an irate guard interviewed me. He wrote out for me a ticket to Newton-Stewart, a name which had suddenly come back to my memory, and he conducted me from the first-class compartment where I had ensconced myself to a third-class smoker, occupied by a sailor and a stout woman with a child. He went off grumbling, and as I mopped my brow I observed to my companions in my broadest Scots that it was a sore job catching trains. I had already entered upon my part. 'The impidence o' that gyaird!' said the lady bitterly. 'He needit a Scotch tongue to pit him in his place. He was complainin' o' this wean no haein' a ticket and her no fower till August twalmonth, and he was objectin' to this gentleman spittin'.' The sailor morosely agreed, and I started my new life in an atmosphere of protest against authority. I reminded myself that a week ago I had been finding the world dull. 3. The Adventure of the Literary Innkeeper I had a solemn time travelling north that day. It was fine May weather, with the hawthorn flowering on every hedge, and I asked myself why, when I was still a free man, I had stayed on in London and not got the good of this heavenly country. I didn't dare face the restaurant car, but I got a luncheon-basket at Leeds and shared it with the fat woman. Also I got the morning's papers, with news about starters for the Derby and the beginning of the cricket season, and some paragraphs about how Balkan affairs were settling down and a British squadron was going to Kiel. When I had done with them I got out Scudder's little black pocket-book and studied it. It was pretty well filled with jottings, chiefly figures, though now and then a name was printed in. For example, I found the words 'Hofgaard', 'Luneville', and 'Avocado' pretty often, and especially the word 'Pavia'. Now I was certain that Scudder never did anything without a reason, and I was pretty sure that there was a cypher in all this. That is a subject which has always interested me, and I did a bit at it myself once as intelligence officer at Delagoa Bay during the Boer War. I have a head for things like chess and puzzles, and I used to reckon myself pretty good at finding out cyphers. This one looked like the numerical kind where sets of figures correspond to the letters of the alphabet, but any fairly shrewd man can find the clue to that sort after an hour or two's work, and I didn't think Scudder would have been content with anything so easy. So I fastened on the printed words, for you can make a pretty good numerical cypher if you have a key word which gives you the sequence of the letters. I tried for hours, but none of the words answered. Then I fell asleep and woke at Dumfries just in time to bundle out and get into the slow Galloway train. There was a man on the platform whose looks I didn't like, but he never glanced at me, and when I caught sight of myself in the mirror of an automatic machine I didn't wonder. With my brown face, my old tweeds, and my slouch, I was the very model of one of the hill farmers who were crowding into the third-class carriages. I travelled with half a dozen in an atmosphere of shag and clay pipes. They had come from the weekly market, and their mouths were full of prices. I heard accounts of how the lambing had gone up the Cairn and the Deuch and a dozen other mysterious waters. Above half the men had lunched heavily and were highly flavoured with whisky, but they took no notice of me. We rumbled slowly into a land of little wooded glens and then to a great wide moorland place, gleaming with lochs, with high blue hills showing northwards. About five o'clock the carriage had emptied, and I was left alone as I had hoped. I got out at the next station, a little place whose name I scarcely noted, set right in the heart of a bog. It reminded me of one of those forgotten little stations in the Karroo. An old station-master was digging in his garden, and with his spade over his shoulder sauntered to the train, took charge of a parcel, and went back to his potatoes. A child of ten received my ticket, and I emerged on a white road that straggled over the brown moor. It was a gorgeous spring evening, with every hill showing as clear as a cut amethyst. The air had the queer, rooty smell of bogs, but it was as fresh as mid-ocean, and it had the strangest effect on my spirits. I actually felt light-hearted. I might have been a boy out for a spring holiday tramp, instead of a man of thirty-seven very much wanted by the police. I felt just as I used to feel when I was starting for a big trek on a frosty morning on the high veld. If you believe me, I swung along that road whistling. There was no plan of campaign in my head, only just to go on and on in this blessed, honest-smelling hill country, for every mile put me in better humour with myself. In a roadside planting I cut a walking-stick of hazel, and presently struck off the highway up a bypath which followed the glen of a brawling stream. I reckoned that I was still far ahead of any pursuit, and for that night might please myself. It was some hours since I had tasted food, and I was getting very hungry when I came to a herd's cottage set in a nook beside a waterfall. A brown-faced woman was standing by the door, and greeted me with the kindly shyness of moorland places. When I asked for a night's lodging she said I was welcome to the 'bed in the loft', and very soon she set before me a hearty meal of ham and eggs, scones, and thick sweet milk. At the darkening her man came in from the hills, a lean giant, who in one step covered as much ground as three paces of ordinary mortals. They asked me no questions, for they had the perfect breeding of all dwellers in the wilds, but I could see they set me down as a kind of dealer, and I took some trouble to confirm their view. I spoke a lot about cattle, of which my host knew little, and I picked up from him a good deal about the local Galloway markets, which I tucked away in my memory for future use. At ten I was nodding in my chair, and the 'bed in the loft' received a weary man who never opened his eyes till five o'clock set the little homestead a-going once more. They refused any payment, and by six I had breakfasted and was striding southwards again. My notion was to return to the railway line a station or two farther on than the place where I had alighted yesterday and to double back. I reckoned that that was the safest way, for the police would naturally assume that I was always making farther from London in the direction of some western port. I thought I had still a good bit of a start, for, as I reasoned, it would take some hours to fix the blame on me, and several more to identify the fellow who got on board the train at St Pancras. it was the same jolly, clear spring weather, and I simply could not contrive to feel careworn. Indeed I was in better spirits than I had been for months. Over a long ridge of moorland I took my road, skirting the side of a high hill which the herd had called Cairnsmore of Fleet. Nesting curlews and plovers were crying everywhere, and the links of green pasture by the streams were dotted with young lambs. All the slackness of the past months was slipping from my bones, and I stepped out like a four-year-old. By-and-by I came to a swell of moorland which dipped to the vale of a little river, and a mile away in the heather I saw the smoke of a train. The station, when I reached it, proved to be ideal for my purpose. The moor surged up around it and left room only for the single line, the slender siding, a waiting-room, an office, the station- master's cottage, and a tiny yard of gooseberries and sweet-william. There seemed no road to it from anywhere, and to increase the desolation the waves of a tarn lapped on their grey granite beach half a mile away. I waited in the deep heather till I saw the smoke of an east-going train on the horizon. Then I approached the tiny booking-office and took a ticket for Dumfries. The only occupants of the carriage were an old shepherd and his dog - a wall-eyed brute that I mistrusted. The man was asleep, and on the cushions beside him was that morning's SCOTSMAN. Eagerly I seized on it, for I fancied it would tell me something. There were two columns about the Portland Place Murder, as it was called. My man Paddock had given the alarm and had the milkman arrested. Poor devil, it looked as if the latter had earned his sovereign hardly; but for me he had been cheap at the price, for he seemed to have occupied the police for the better part of the day. In the latest news I found a further instalment of the story. The milkman had been released, I read, and the true criminal, about whose identity the police were reticent, was believed to have got away from London by one of the northern lines. There was a short note about me as the owner of the flat. I guessed the police had stuck that in, as a clumsy contrivance to persuade me that I was unsuspected. There was nothing else in the paper, nothing about foreign politics or Karolides, or the things that had interested Scudder. I laid it down, and found that we were approaching the station at which I had got out yesterday. The potato-digging station-master had been gingered up into some activity, for the west-going train was waiting to let us pass, and from it had descended three men who were asking him questions. I supposed that they were the local police, who had been stirred up by Scotland Yard, and had traced me as far as this one-horse siding. Sitting well back in the shadow I watched them carefully. One of them had a book, and took down notes. The old potato-digger seemed to have turned peevish, but the child who had collected my ticket was talking volubly. All the party looked out across the moor where the white road departed. I hoped they were going to take up my tracks there. As we moved away from that station my companion woke up. He fixed me with a wandering glance, kicked his dog viciously, and inquired where he was. Clearly he was very drunk. 'That's what comes o' bein' a teetotaller,' he observed in bitter regret. I expressed my surprise that in him I should have met a blue- ribbon stalwart. 'Ay, but I'm a strong teetotaller,' he said pugnaciously. 'I took the pledge last Martinmas, and I havena touched a drop o' whisky sinsyne. Not even at Hogmanay, though I was sair temptit.' He swung his heels up on the seat, and burrowed a frowsy head into the cushions. 'And that's a' I get,' he moaned. 'A heid hetter than hell fire, and twae een lookin' different ways for the Sabbath.' 'What did it?' I asked. 'A drink they ca' brandy. Bein' a teetotaller I keepit off the whisky, but I was nip-nippin' a' day at this brandy, and I doubt I'll no be weel for a fortnicht.' His voice died away into a splutter, and sleep once more laid its heavy hand on him. My plan had been to get out at some station down the line, but the train suddenly gave me a better chance, for it came to a standstill at the end of a culvert which spanned a brawling porter-coloured river. I looked out and saw that every carriage window was closed and no human figure appeared in the landscape. So I opened the door, and dropped quickly into the tangle of hazels which edged the line. it would have been all right but for that infernal dog. Under the impression that I was decamping with its master's belongings, it started to bark, and all but got me by the trousers. This woke up the herd, who stood bawling at the carriage door in the belief that I had committed suicide. I crawled through the thicket, reached the edge of the stream, and in cover of the bushes put a hundred yards or so behind me. Then from my shelter I peered back, and saw the guard and several passengers gathered round the open carriage door and staring in my direction. I could not have made a more public departure if I had left with a bugler and a brass band. Happily, the drunken herd provided a diversion. He and his dog, which was attached by a rope to his waist, suddenly cascaded out of the carriage, landed on their heads on the track, and rolled some way down the bank towards the water. In the rescue which followed the dog bit somebody, for I could hear the sound of hard swearing. Presently they had forgotten me, and when after a quarter of a mile's crawl I ventured to look back, the train had started again and was vanishing in the cutting. I was in a wide semicircle of moorland, with the brown river as radius, and the high hills forming the northern circumference. There was not a sign or sound of a human being, only the plashing water and the interminable crying of curlews. Yet, oddly enough, for the first time I felt the terror of the hunted on me. It was not the police that I thought of, but the other folk, who knew that I knew Scudder's secret and dared not let me live. I was certain that they would pursue me with a keenness and vigilance unknown to the British law, and that once their grip closed on me I should find no mercy. I looked back, but there was nothing in the landscape. The sun glinted on the metals of the line and the wet stones in the stream, and you could not have found a more peaceful sight in the world. Nevertheless, I started to run. Crouching low in the runnels of the bog, I ran till the sweat blinded my eyes. The mood did not leave me till I had reached the rim of mountain and flung myself panting on a ridge high above the young waters of the brown river. From my vantage-ground I could scan the whole moor right away to the railway line and to the south of it where green fields took the place of heather. I have eyes like a hawk, but I could see nothing moving in the whole countryside. Then I looked east beyond the ridge and saw a new kind of landscape - shallow green valleys with plentiful fir plantations and the faint lines of dust which spoke of highroads. Last of all I looked into the blue May sky, and there I saw that which set my pulses racing ... Low down in the south a monoplane was climbing into the heavens. I was as certain as if I had been told that that aeroplane was looking for me, and that it did not belong to the police. For an hour or two I watched it from a pit of heather. It flew low along the hill-tops, and then in narrow circles over the valley up which I had come' Then it seemed to change its mind, rose to a great height, and flew away back to the south. I did not like this espionage from the air, and I began to think less well of the countryside I had chosen for a refuge. These heather hills were no sort of cover if my enemies were in the sky, and I must find a different kind of sanctuary. I looked with more satisfaction to the green country beyond the ridge, for there I should find woods and stone houses. About six in the evening I came out of the moorland to a white ribbon of road which wound up the narrow vale of a lowland stream. As I followed it, fields gave place to bent, the glen became a plateau, and presently I had reached a kind of pass where a solitary house smoked in the twilight. The road swung over a bridge, and leaning on the parapet was a young man. He was smoking a long clay pipe and studying the water with spectacled eyes. In his left hand was a small book with a finger marking the place. Slowly he repeated - As when a Gryphon through the wilderness With winged step, o'er hill and moory dale Pursues the Arimaspian. He jumped round as my step rung on the keystone, and I saw a pleasant sunburnt boyish face. 'Good evening to you,' he said gravely. 'It's a fine night for the road.' The smell of peat smoke and of some savoury roast floated to me from the house. 'Is that place an inn?' I asked. 'At your service,' he said politely. 'I am the landlord, Sir, and I hope you will stay the night, for to tell you the truth I have had no company for a week.' I pulled myself up on the parapet of the bridge and filled my pipe. I began to detect an ally. 'You're young to be an innkeeper,' I said. 'My father died a year ago and left me the business. I live there with my grandmother. It's a slow job for a young man, and it wasn't my choice of profession.' 'Which was?' He actually blushed. 'I want to write books,' he said. 'And what better chance could you ask?' I cried. 'Man, I've often thought that an innkeeper would make the best story-teller in the world.' 'Not now,' he said eagerly. 'Maybe in the old days when you had pilgrims and ballad-makers and highwaymen and mail-coaches on the road. But not now. Nothing comes here but motor-cars full of fat women, who stop for lunch, and a fisherman or two in the spring, and the shooting tenants in August. There is not much material to be got out of that. I want to see life, to travel the world, and write things like Kipling and Conrad. But the most I've done yet is to get some verses printed in CHAMBERS'S JOURNAL.' I looked at the inn standing golden in the sunset against the brown hills. 'I've knocked a bit about the world, and I wouldn't despise such a hermitage. D'you think that adventure is found only in the tropics or among gentry in red shirts? Maybe you're rubbing shoulders with it at this moment.' 'That's what Kipling says,' he said, his eyes brightening, and he quoted some verse about 'Romance bringing up the 9.15'. 'Here's a true tale for you then,' I cried, 'and a month from now you can make a novel out of it.' Sitting on the bridge in the soft May gloaming I pitched him a lovely yarn. It was true in essentials, too, though I altered the minor details. I made out that I was a mining magnate from Kimberley, who had had a lot of trouble with I.D.B. and had shown up a gang. They had pursued me across the ocean, and had killed my best friend, and were now on my tracks. I told the story well, though I say it who shouldn't. I pictured a flight across the Kalahari to German Africa, the crackling, parching days, the wonderful blue-velvet nights. I described an attack on my life on the voyage home, and I made a really horrid affair of the Portland Place murder. 'You're looking for adventure,' I cried; 'well, you've found it here. The devils are after me, and the police are after them. It's a race that I mean to win.' 'By God!' he whispered, drawing his breath in sharply, 'it is all pure Rider Haggard and Conan Doyle.' 'You believe me,' I said gratefully. 'Of course I do,' and he held out his hand. 'I believe everything out of the common. The only thing to distrust is the normal.' He was very young, but he was the man for my money. 'I think they're off my track for the moment, but I must lie close for a couple of days. Can you take me in?' He caught my elbow in his eagerness and drew me towards the house. 'You can lie as snug here as if you were in a moss-hole. I'll see that nobody blabs, either. And you'll give me some more material about your adventures?' As I entered the inn porch I heard from far off the beat of an engine. There silhouetted against the dusky West was my friend, the monoplane. He gave me a room at the back of the house, with a fine outlook over the plateau, and he made me free of his own study, which was stacked with cheap editions of his favourite authors. I never saw the grandmother, so I guessed she was bedridden. An old woman called Margit brought me my meals, and the innkeeper was around me at all hours. I wanted some time to myself, so I invented a job for him. He had a motor-bicycle, and I sent him off next morning for the daily paper, which usually arrived with the post in the late afternoon. I told him to keep his eyes skinned, and make note of any strange figures he saw, keeping a special sharp look-out for motors and aeroplanes. Then I sat down in real earnest to Scudder's note-book. He came back at midday with the SCOTSMAN. There was nothing in it, except some further evidence of Paddock and the milkman, and a repetition of yesterday's statement that the murderer had gone North. But there was a long article, reprinted from THE TIMES, about Karolides and the state of affairs in the Balkans, though there was no mention of any visit to England. I got rid of the innkeeper for the afternoon, for I was getting very warm in my search for the cypher. As I told you, it was a numerical cypher, and by an elaborate system of experiments I had pretty well discovered what were the nulls and stops. The trouble was the key word, and when I thought of the odd million words he might have used I felt pretty hopeless. But about three o'clock I had a sudden inspiration. The name Julia Czechenyi flashed across my memory. Scudder had said it was the key to the Karolides business, and it occurred to me to try it on his cypher. It worked. The five letters of 'Julia' gave me the position of the vowels. A was J, the tenth letter of the alphabet, and so represented by X in the cypher. E was XXI, and so on. 'Czechenyi' gave me the numerals for the principal consonants. I scribbled that scheme on a bit of paper and sat down to read Scudder's pages. In half an hour I was reading with a whitish face and fingers that drummed on the table. I glanced out of the window and saw a big touring-car coming up the glen towards the inn. It drew up at the door, and there was the sound of people alighting. There seemed to be two of them, men in aquascutums and tweed caps. Ten minutes later the innkeeper slipped into the room, his eyes bright with excitement. 'There's two chaps below looking for you,' he whispered. 'They're in the dining-room having whiskies-and-sodas. They asked about you and said they had hoped to meet you here. Oh! and they described you jolly well, down to your boots and shirt. I told them you had been here last night and had gone off on a motor bicycle this morning, and one of the chaps swore like a navvy.' I made him tell me what they looked like. One was a dark-eyed thin fellow with bushy eyebrows, the other was always smiling and lisped in his talk. Neither was any kind of foreigner; on this my young friend was positive. I took a bit of paper and wrote these words in German as if they were part of a letter - ... 'Black Stone. Scudder had got on to this, but he could not act for a fortnight. I doubt if I can do any good now, especially as Karolides is uncertain about his plans. But if Mr T. advises I will do the best I ...' I manufactured it rather neatly, so that it looked like a loose page of a private letter. 'Take this down and say it was found in my bedroom, and ask them to return it to me if they overtake me.' Three minutes later I heard the car begin to move, and peeping from behind the curtain caught sight of the two figures. One was slim, the other was sleek; that was the most I could make of my reconnaissance. The innkeeper appeared in great excitement. 'Your paper woke them up,' he said gleefully. 'The dark fellow went as white as death and cursed like blazes, and the fat one whistled and looked ugly. They paid for their drinks with half-a-sovereign and wouldn't wait for change.' 'Now I'll tell you what I want you to do,' I said. 'Get on your bicycle and go off to Newton-Stewart to the Chief Constable. Describe the two men, and say you suspect them of having had something to do with the London murder. You can invent reasons. The two will come back, never fear. Not tonight, for they'll follow me forty miles along the road, but first thing tomorrow morning. Tell the police to be here bright and early.' He set off like a docile child, while I worked at Scudder's notes. When he came back we dined together, and in common decency I had to let him pump me. I gave him a lot of stuff about lion hunts and the Matabele War, thinking all the while what tame businesses these were compared to this I was now engaged in! When he went to bed I sat up and finished Scudder. I smoked in a chair till daylight, for I could not sleep. About eight next morning I witnessed the arrival of two constables and a sergeant. They put their car in a coach-house under the innkeeper's instructions, and entered the house. Twenty minutes later I saw from my window a second car come across the plateau from the opposite direction. It did not come up to the inn, but stopped two hundred yards off in the shelter of a patch of wood. I noticed that its occupants carefully reversed it before leaving it. A minute or two later I heard their steps on the gravel outside the window. My plan had been to lie hid in my bedroom, and see what happened. I had a notion that, if I could bring the police and my other more dangerous pursuers together, something might work out of it to my advantage. But now I had a better idea. I scribbled a line of thanks to my host, opened the window, and dropped quietly into a gooseberry bush. Unobserved I crossed the dyke, crawled down the side of a tributary burn, and won the highroad on the far side of the patch of trees. There stood the car, very spick and span in the morning sunlight, but with the dust on her which told of a long journey. I started her, jumped into the chauffeur's seat, and stole gently out on to the plateau. Almost at once the road dipped so that I lost sight of the inn, but the wind seemed to bring me the sound of angry voices. 4. The Adventure of the Radical Candidate You may picture me driving that 40 h.p. car for all she was worth over the crisp moor roads on that shining May morning; glancing back at first over my shoulder, and looking anxiously to the next turning; then driving with a vague eye, just wide enough awake to keep on the highway. For I was thinking desperately of what I had found in Scudder's pocket-book. The little man had told me a pack of lies. All his yarns about the Balkans and the Jew-Anarchists and the Foreign Office Conference were eyewash, and so was Karolides. And yet not quite, as you shall hear. I had staked everything on my belief in his story, and had been let down; here was his book telling me a different tale, and instead of being once-bitten-twice-shy, I believed it absolutely. Why, I don't know. It rang desperately true, and the first yarn, if you understand me, had been in a queer way true also in spirit. The fifteenth day of June was going to be a day of destiny, a bigger destiny than the killing of a Dago. It was so big that I didn't blame Scudder for keeping me out of the game and wanting to play a lone hand. That, I was pretty clear, was his intention. He had told me something which sounded big enough, but the real thing was so immortally big that he, the man who had found it out, wanted it all for himself. I didn't blame him. It was risks after all that he was chiefly greedy about. The whole story was in the notes - with gaps, you understand, which he would have filled up from his memory. He stuck down his authorities, too, and had an odd trick of giving them all a numerical value and then striking a balance, which stood for the reliability of each stage in the yarn. The four names he had printed were authorities, and there was a man, Ducrosne, who got five out of a possible five; and another fellow, Ammersfoort, who got three. The bare bones of the tale were all that was in the book - these, and one queer phrase which occurred half a dozen times inside brackets. '(Thirty-nine steps)' was the phrase; and at its last time of use it ran - '(Thirty-nine steps, I counted them - high tide 10.17 p.m.)'. I could make nothing of that. The first thing I learned was that it was no question of preventing a war. That was coming, as sure as Christmas: had been arranged, said Scudder, ever since February 1912. Karolides was going to be the occasion. He was booked all right, and was to hand in his checks on June 14th, two weeks and four days from that May morning. I gathered from Scudder's notes that nothing on earth could prevent that. His talk of Epirote guards that would skin their own grandmothers was all billy-o. The second thing was that this war was going to come as a mighty surprise to Britain. Karolides' death would set the Balkans by the ears, and then Vienna would chip in with an ultimatum. Russia wouldn't like that, and there would be high words. But Berlin would play the peacemaker, and pour oil on the waters, till suddenly she would find a good cause for a quarrel, pick it up, and in five hours let fly at us. That was the idea, and a pretty good one too. Honey and fair speeches, and then a stroke in the dark. While we were talking about the goodwill and good intentions of Germany our coast would be silently ringed with mines, and submarines would be waiting for every battleship. But all this depended upon the third thing, which was due to happen on June 15th. I would never have grasped this if I hadn't once happened to meet a French staff officer, coming back from West Africa, who had told me a lot of things. One was that, in spite of all the nonsense talked in Parliament, there was a real working alliance between France and Britain, and that the two General Staffs met every now and then, and made plans for joint action in case of war. Well, in June a very great swell was coming over from Paris, and he was going to get nothing less than a statement of the disposition of the British Home Fleet on mobilization. At least I gathered it was something like that; anyhow, it was something uncommonly important. But on the 15th day of June there were to be others in London - others, at whom I could only guess. Scudder was content to call them collectively the 'Black Stone'. They represented not our Allies, but our deadly foes; and the information, destined for France, was to be diverted to their pockets. And it was to be used, remember - used a week or two later, with great guns and swift torpedoes, suddenly in the darkness of a summer night. This was the story I had been deciphering in a back room of a country inn, overlooking a cabbage garden. This was the story that hummed in my brain as I swung in the big touring-car from glen to glen. My first impulse had been to write a letter to the Prime Minister, but a little reflection convinced me that that would be useless. Who would believe my tale? I must show a sign, some token in proof, and Heaven knew what that could be. Above all, I must keep going myself, ready to act when things got riper, and that was going to be no light job with the police of the British Isles in full cry after me and the watchers of the Black Stone running silently and swiftly on my trail. I had no very clear purpose in my journey, but I steered east by the sun, for I remembered from the map that if I went north I would come into a region of coalpits and industrial towns. Presently I was down from the moorlands and traversing the broad haugh of a river. For miles I ran alongside a park wall, and in a break of the trees I saw a great castle. I swung through little old thatched villages, and over peaceful lowland streams, and past gardens blazing with hawthorn and yellow laburnum. The land was so deep in peace that I could scarcely believe that somewhere behind me were those who sought my life; ay, and that in a month's time, unless I had the almightiest of luck, these round country faces would be pinched and staring, and men would be lying dead in English fields. About mid-day I entered a long straggling village, and had a mind to stop and eat. Half-way down was the Post Office, and on the steps of it stood the postmistress and a policeman hard at work conning a telegram. When they saw me they wakened up, and the policeman advanced with raised hand, and cried on me to stop. I nearly was fool enough to obey. Then it flashed upon me that the wire had to do with me; that my friends at the inn had come to an understanding, and were united in desiring to see more of me, and that it had been easy enough for them to wire the description of me and the car to thirty villages through which I might pass. I released the brakes just in time. As it was, the policeman made a claw at the hood, and only dropped off when he got my left in his eye. I saw that main roads were no place for me, and turned into the byways. It wasn't an easy job without a map, for there was the risk of getting on to a farm road and ending in a duck-pond or a stable- yard, and I couldn't afford that kind of delay. I began to see what an ass I had been to steal the car. The big green brute would be the safest kind of clue to me over the breadth of Scotland. If I left it and took to my feet, it would be discovered in an hour or two and I would get no start in the race. The immediate thing to do was to get to the loneliest roads. These I soon found when I struck up a tributary of the big river, and got into a glen with steep hills all about me, and a corkscrew road at the end which climbed over a pass. Here I met nobody, but it was taking me too far north, so I slewed east along a bad track and finally struck a big double-line railway. Away below me I saw another broadish valley, and it occurred to me that if I crossed it I might find some remote inn to pass the night. The evening was now drawing in, and I was furiously hungry, for I had eaten nothing since breakfast except a couple of buns I had bought from a baker's cart. just then I heard a noise in the sky, and lo and behold there was that infernal aeroplane, flying low, about a dozen miles to the south and rapidly coming towards me. I had the sense to remember that on a bare moor I was at the aeroplane's mercy, and that my only chance was to get to the leafy cover of the valley. Down the hill I went like blue lightning, screwing my head round, whenever I dared, to watch that damned flying machine. Soon I was on a road between hedges, and dipping to the deep-cut glen of a stream. Then came a bit of thick wood where I slackened speed. Suddenly on my left I heard the hoot of another car, and realized to my horror that I was almost up on a couple of gate-posts through which a private road debouched on the highway. My horn gave an agonized roar, but it was too late. I clapped on my brakes, but my impetus was too great, and there before me a car was sliding athwart my course. In a second there would have been the deuce of a wreck. I did the only thing possible, and ran slap into the hedge on the right, trusting to find something soft beyond. But there I was mistaken. My car slithered through the hedge like butter, and then gave a sickening plunge forward. I saw what was coming, leapt on the seat and would have jumped out. But a branch of hawthorn got me in the chest, lifted me up and held me, while a ton or two of expensive metal slipped below me, bucked and pitched, and then dropped with an almighty smash fifty feet to the bed of the stream. Slowly that thorn let me go. I subsided first on the hedge, and then very gently on a bower of nettles. As I scrambled to my feet a hand took me by the arm, and a sympathetic and badly scared voice asked me if I were hurt. I found myself looking at a tall young man in goggles and a leather ulster, who kept on blessing his soul and whinnying apologies. For myself, once I got my wind back, I was rather glad than otherwise. This was one way of getting rid of the car. 'My blame, Sir,' I answered him. 'It's lucky that I did not add homicide to my follies. That's the end of my Scotch motor tour, but it might have been the end of my life.' He plucked out a watch and studied it. 'You're the right sort of fellow,' he said. 'I can spare a quarter of an hour, and my house is two minutes off. I'll see you clothed and fed and snug in bed. Where's your kit, by the way? Is it in the burn along with the car?' 'It's in my pocket,' I said, brandishing a toothbrush. 'I'm a Colonial and travel light.' 'A Colonial,' he cried. 'By Gad, you're the very man I've been praying for. Are you by any blessed chance a Free Trader?' 'I am,' said I, without the foggiest notion of what he meant. He patted my shoulder and hurried me into his car. Three minutes later we drew up before a comfortable-looking shooting box set among pine-trees, and he ushered me indoors. He took me first to a bedroom and flung half a dozen of his suits before me, for my own had been pretty well reduced to rags. I selected a loose blue serge, which differed most conspicuously from my former garments, and borrowed a linen collar. Then he haled me to the dining-room, where the remnants of a meal stood on the table, and announced that I had just five minutes to feed. 'You can take a snack in your pocket, and we'll have supper when we get back. I've got to be at the Masonic Hall at eight o'clock, or my agent will comb my hair.' I had a cup of coffee and some cold ham, while he yarned away on the hearth-rug. 'You find me in the deuce of a mess, Mr - by-the-by, you haven't told me your name. Twisdon? Any relation of old Tommy Twisdon of the Sixtieth? No? Well, you see I'm Liberal Candidate for this part of the world, and I had a meeting on tonight at Brattleburn - that's my chief town, and an infernal Tory stronghold. I had got the Colonial ex-Premier fellow, Crumpleton, coming to speak for me tonight, and had the thing tremendously billed and the whole place ground-baited. This afternoon I had a wire from the ruffian saying he had got influenza at Blackpool, and here am I left to do the whole thing myself. I had meant to speak for ten minutes and must now go on for forty, and, though I've been racking my brains for three hours to think of something, I simply cannot last the course. Now you've got to be a good chap and help me. You're a Free Trader and can tell our people what a wash-out Protection is in the Colonies. All you fellows have the gift of the gab - I wish to Heaven I had it. I'll be for evermore in your debt.' I had very few notions about Free Trade one way or the other, but I saw no other chance to get what I wanted. My young gentleman was far too absorbed in his own difficulties to think how odd it was to ask a stranger who had just missed death by an ace and had lost a 1,000-guinea car to address a meeting for him on the spur of the moment. But my necessities did not allow me to contemplate oddnesses or to pick and choose my supports. 'All right,' I said. 'I'm not much good as a speaker, but I'll tell them a bit about Australia.' At my words the cares of the ages slipped from his shoulders, and he was rapturous in his thanks. He lent me a big driving coat - and never troubled to ask why I had started on a motor tour without possessing an ulster - and, as we slipped down the dusty roads, poured into my ears the simple facts of his history. He was an orphan, and his uncle had brought him up - I've forgotten the uncle's name, but he was in the Cabinet, and you can read his speeches in the papers. He had gone round the world after leaving Cambridge, and then, being short of a job, his uncle had advised politics. I gathered that he had no preference in parties. 'Good chaps in both,' he said cheerfully, 'and plenty of blighters, too. I'm Liberal, because my family have always been Whigs.' But if he was lukewarm politically he had strong views on other things. He found out I knew a bit about horses, and jawed away about the Derby entries; and he was full of plans for improving his shooting. Altogether, a very clean, decent, callow young man. As we passed through a little town two policemen signalled us to stop, and flashed their lanterns on us. 'Beg pardon, Sir Harry,' said one. 'We've got instructions to look out for a car, and the description's no unlike yours.' 'Right-o,' said my host, while I thanked Providence for the devious ways I had been brought to safety. After that he spoke no more, for his mind began to labour heavily with his coming speech. His lips kept muttering, his eye wandered, and I began to prepare myself for a second catastrophe. I tried to think of something to say myself, but my mind was dry as a stone. The next thing I knew we had drawn up outside a door in a street, and were being welcomed by some noisy gentlemen with rosettes. The hall had about five hundred in it, women mostly, a lot of bald heads, and a dozen or two young men. The chairman, a weaselly minister with a reddish nose, lamented Crumpleton's absence, soliloquized on his influenza, and gave me a certificate as a 'trusted leader of Australian thought'. There were two policemen at the door, and I hoped they took note of that testimonial. Then Sir Harry started. I never heard anything like it. He didn't begin to know how to talk. He had about a bushel of notes from which he read, and when he let go of them he fell into one prolonged stutter. Every now and then he remembered a phrase he had learned by heart, straightened his back, and gave it off like Henry Irving, and the next moment he was bent double and crooning over his papers. It was the most appalling rot, too. He talked about the 'German menace', and said it was all a Tory invention to cheat the poor of their rights and keep back the great flood of social reform, but that 'organized labour' realized this and laughed the Tories to scorn. He was all for reducing our Navy as a proof of our good faith, and then sending Germany an ultimatum telling her to do the same or we would knock her into a cocked hat. He said that, but for the Tories, Germany and Britain would be fellow-workers in peace and reform. I thought of the little black book in my pocket! A giddy lot Scudder's friends cared for peace and reform. Yet in a queer way I liked the speech. You could see the niceness of the chap shining out behind the muck with which he had been spoon-fed. Also it took a load off my mind. I mightn't be much of an orator, but I was a thousand per cent better than Sir Harry. I didn't get on so badly when it came to my turn. I simply told them all I could remember about Australia, praying there should be no Australian there - all about its labour party and emigration and universal service. I doubt if I remembered to mention Free Trade, but I said there were no Tories in Australia, only Labour and Liberals. That fetched a cheer, and I woke them up a bit when I started in to tell them the kind of glorious business I thought could be made out of the Empire if we really put our backs into it. Altogether I fancy I was rather a success. The minister didn't like me, though, and when he proposed a vote of thanks, spoke of Sir Harry's speech as 'statesmanlike' and mine as having 'the eloquence of an emigration agent'. When we were in the car again my host was in wild spirits at having got his job over. 'A ripping speech, Twisdon,' he said. 'Now, you're coming home with me. I'm all alone, and if you'll stop a day or two I'll show you some very decent fishing.' We had a hot supper - and I wanted it pretty badly - and then drank grog in a big cheery smoking-room with a crackling wood fire. I thought the time had come for me to put my cards on the table. I saw by this man's eye that he was the kind you can trust. 'Listen, Sir Harry,' I said. 'I've something pretty important to say to you. You're a good fellow, and I'm going to be frank. Where on earth did you get that poisonous rubbish you talked tonight?' His face fell. 'Was it as bad as that?' he asked ruefully. 'It did sound rather thin. I got most of it out of the PROGRESSIVE MAGAZINE and pamphlets that agent chap of mine keeps sending me. But you surely don't think Germany would ever go to war with us?' 'Ask that question in six weeks and it won't need an answer,' I said. 'If you'll give me your attention for half an hour I am going to tell you a story.' I can see yet that bright room with the deers' heads and the old prints on the walls, Sir Harry standing restlessly on the stone curb of the hearth, and myself lying back in an armchair, speaking. I seemed to be another person, standing aside and listening to my own voice, and judging carefully the reliability of my tale. It was the first time I had ever told anyone the exact truth, so far as I understood it, and it did me no end of good, for it straightened out the thing in my own mind. I blinked no detail. He heard all about Scudder, and the milkman, and the note-book, and my doings in Galloway. Presently he got very excited and walked up and down the hearth-rug. 'So you see,' I concluded, 'you have got here in your house the man that is wanted for the Portland Place murder. Your duty is to send your car for the police and give me up. I don't think I'll get very far. There'll be an accident, and I'll have a knife in my ribs an hour or so after arrest. Nevertheless, it's your duty, as a law-abiding citizen. Perhaps in a month's time you'll be sorry, but you have no cause to think of that.' He was looking at me with bright steady eyes. 'What was your job in Rhodesia, Mr Hannay?' he asked. 'Mining engineer,' I said. 'I've made my pile cleanly and I've had a good time in the making of it.' 'Not a profession that weakens the nerves, is it?' I laughed. 'Oh, as to that, my nerves are good enough.' I took down a hunting-knife from a stand on the wall, and did the old Mashona trick of tossing it and catching it in my lips. That wants a pretty steady heart. He watched me with a smile. 'I don't want proof. I may be an ass on the platform, but I can size up a man. You're no murderer and you're no fool, and I believe you are speaking the truth. I'm going to back you up. Now, what can I do?' 'First, I want you to write a letter to your uncle. I've got to get in touch with the Government people sometime before the 15th of June.' He pulled his moustache. 'That won't help you. This is Foreign Office business, and my uncle would have nothing to do with it. Besides, you'd never convince him. No, I'll go one better. I'll write to the Permanent Secretary at the Foreign Office. He's my godfather, and one of the best going. What do you want?' He sat down at a table and wrote to my dictation. The gist of it was that if a man called Twisdon (I thought I had better stick to that name) turned up before June 15th he was to entreat him kindly. He said Twisdon would prove his bona fides by passing the word 'Black Stone' and whistling 'Annie Laurie'. 'Good,' said Sir Harry. 'That's the proper style. By the way, you'll find my godfather - his name's Sir Walter Bullivant - down at his country cottage for Whitsuntide. It's close to Artinswell on the Kenner. That's done. Now, what's the next thing?' 'You're about my height. Lend me the oldest tweed suit you've got. Anything will do, so long as the colour is the opposite of the clothes I destroyed this afternoon. Then show me a map of the neighbourhood and explain to me the lie of the land. Lastly, if the police come seeking me, just show them the car in the glen. If the other lot turn up, tell them I caught the south express after your meeting.' He did, or promised to do, all these things. I shaved off the remnants of my moustache, and got inside an ancient suit of what I believe is called heather mixture. The map gave me some notion of my whereabouts, and told me the two things I wanted to know - where the main railway to the south could be joined and what were the wildest districts near at hand. At two o'clock he wakened me from my slumbers in the smoking-room armchair, and led me blinking into the dark starry night. An old bicycle was found in a tool-shed and handed over to me. 'First turn to the right up by the long fir-wood,' he enjoined. 'By daybreak you'll be well into the hills. Then I should pitch the machine into a bog and take to the moors on foot. You can put in a week among the shepherds, and be as safe as if you were in New Guinea.' I pedalled diligently up steep roads of hill gravel till the skies grew pale with morning. As the mists cleared before the sun, I found myself in a wide green world with glens falling on every side and a far-away blue horizon. Here, at any rate, I could get early news of my enemies. 5. The Adventure of the Spectacled Roadman I sat down on the very crest of the pass and took stock of my position. Behind me was the road climbing through a long cleft in the hills, which was the upper glen of some notable river. In front was a flat space of maybe a mile, all pitted with bog-holes and rough with tussocks, and then beyond it the road fell steeply down another glen to a plain whose blue dimness melted into the distance. To left and right were round-shouldered green hills as smooth as pancakes, but to the south - that is, the left hand - there was a glimpse of high heathery mountains, which I remembered from the map as the big knot of hill which I had chosen for my sanctuary. I was on the central boss of a huge upland country, and could see everything moving for miles. In the meadows below the road half a mile back a cottage smoked, but it was the only sign of human life. Otherwise there was only the calling of plovers and the tinkling of little streams. It was now about seven o'clock, and as I waited I heard once again that ominous beat in the air. Then I realized that my vantage- ground might be in reality a trap. There was no cover for a tomtit in those bald green places. I sat quite still and hopeless while the beat grew louder. Then I saw an aeroplane coming up from the east. It was flying high, but as I looked it dropped several hundred feet and began to circle round the knot of hill in narrowing circles, just as a hawk wheels before it pounces. Now it was flying very low, and now the observer on board caught sight of me. I could see one of the two occupants examining me through glasses. Suddenly it began to rise in swift whorls, and the next I knew it was speeding eastward again till it became a speck in the blue morning. That made me do some savage thinking. My enemies had located me, and the next thing would be a cordon round me. I didn't know what force they could command, but I was certain it would be sufficient. The aeroplane had seen my bicycle, and would conclude that I would try to escape by the road. In that case there might be a chance on the moors to the right or left. I wheeled the machine a hundred yards from the highway, and plunged it into a moss-hole, where it sank among pond-weed and water-buttercups. Then I climbed to a knoll which gave me a view of the two valleys. Nothing was stirring on the long white ribbon that threaded them. I have said there was not cover in the whole place to hide a rat. As the day advanced it was flooded with soft fresh light till it had the fragrant sunniness of the South African veld. At other times I would have liked the place, but now it seemed to suffocate me. The free moorlands were prison walls, and the keen hill air was the breath of a dungeon. I tossed a coin - heads right, tails left - and it fell heads, so I turned to the north. In a little I came to the brow of the ridge which was the containing wall of the pass. I saw the highroad for maybe ten miles, and far down it something that was moving, and that I took to be a motor-car. Beyond the ridge I looked on a rolling green moor, which fell away into wooded glens. Now my life on the veld has given me the eyes of a kite, and I can see things for which most men need a telescope ... Away down the slope, a couple of miles away, several men were advancing. like a row of beaters at a shoot ... I dropped out of sight behind the sky-line. That way was shut to me, and I must try the bigger hills to the south beyond the highway. The car I had noticed was getting nearer, but it was still a long way off with some very steep gradients before it. I ran hard, crouching low except in the hollows, and as I ran I kept scanning the brow of the hill before me. Was it imagination, or did I see figures - one, two, perhaps more - moving in a glen beyond the stream? If you are hemmed in on all sides in a patch of land there is only one chance of escape. You must stay in the patch, and let your enemies search it and not find you. That was good sense, but how on earth was I to escape notice in that table-cloth of a place? I would have buried myself to the neck in mud or lain below water or climbed the tallest tree. But there was not a stick of wood, the bog-holes were little puddles, the stream was a slender trickle. There was nothing but short heather, and bare hill bent, and the white highway. Then in a tiny bight of road, beside a heap of stones, I found the roadman. He had just arrived, and was wearily flinging down his hammer. He looked at me with a fishy eye and yawned. 'Confoond the day I ever left the herdin'!' he said, as if to the world at large. 'There I was my ain maister. Now I'm a slave to the Goavernment, tethered to the roadside, wi' sair een, and a back like a suckle.' He took up the hammer, struck a stone, dropped the implement with an oath, and put both hands to his ears. 'Mercy on me! My heid's burstin'!' he cried. He was a wild figure, about my own size but much bent, with a week's beard on his chin, and a pair of big horn spectacles. 'I canna dae't,' he cried again. 'The Surveyor maun just report me. I'm for my bed.' I asked him what was the trouble, though indeed that was clear enough. 'The trouble is that I'm no sober. Last nicht my dochter Merran was waddit, and they danced till fower in the byre. Me and some ither chiels sat down to the drinkin', and here I am. Peety that I ever lookit on the wine when it was red!' I agreed with him about bed. 'It's easy speakin',' he moaned. 'But I got a postcard yestreen sayin' that the new Road Surveyor would be round the day. He'll come and he'll no find me, or else he'll find me fou, and either way I'm a done man. I'll awa' back to my bed and say I'm no weel, but I doot that'll no help me, for they ken my kind o' no-weel-ness.' Then I had an inspiration. 'Does the new Surveyor know you?' I asked. 'No him. He's just been a week at the job. He rins about in a wee motor-cawr, and wad speir the inside oot o' a whelk.' 'Where's your house?' I asked, and was directed by a wavering finger to the cottage by the stream. 'Well, back to your bed,' I said, 'and sleep in peace. I'll take on your job for a bit and see the Surveyor.' He stared at me blankly; then, as the notion dawned on his fuddled brain, his face broke into the vacant drunkard's smile. 'You're the billy,' he cried. 'It'll be easy eneuch managed. I've finished that bing o' stanes, so you needna chap ony mair this forenoon. just take the barry, and wheel eneuch metal frae yon quarry doon the road to mak anither bing the morn. My name's Alexander Turnbull, and I've been seeven year at the trade, and twenty afore that herdin' on Leithen Water. My freens ca' me Ecky, and whiles Specky, for I wear glesses, being waik i' the sicht. just you speak the Surveyor fair, and ca' him Sir, and he'll be fell pleased. I'll be back or mid-day.' I borrowed his spectacles and filthy old hat; stripped off coat, waistcoat, and collar, and gave him them to carry home; borrowed, too, the foul stump of a clay pipe as an extra property. He indicated my simple tasks, and without more ado set off at an amble bedwards. Bed may have been his chief object, but I think there was also something left in the foot of a bottle. I prayed that he might be safe under cover before my friends arrived on the scene. Then I set to work to dress for the part. I opened the collar of my shirt - it was a vulgar blue-and-white check such as ploughmen wear - and revealed a neck as brown as any tinker's. I rolled up my sleeves, and there was a forearm which might have been a blacksmith's, sunburnt and rough with old scars. I got my boots and trouser-legs all white from the dust of the road, and hitched up my trousers, tying them with string below the knee. Then I set to work on my face. With a handful of dust I made a water-mark round my neck, the place where Mr Turnbull's Sunday ablutions might be expected to stop. I rubbed a good deal of dirt also into the sunburn of my cheeks. A roadman's eyes would no doubt be a little inflamed, so I contrived to get some dust in both of mine, and by dint of vigorous rubbing produced a bleary effect. The sandwiches Sir Harry had given me had gone off with my coat, but the roadman's lunch, tied up in a red handkerchief, was at my disposal. I ate with great relish several of the thick slabs of scone and cheese and drank a little of the cold tea. In the handkerchief was a local paper tied with string and addressed to Mr Turnbull - obviously meant to solace his mid-day leisure. I did up the bundle again, and put the paper conspicuously beside it. My boots did not satisfy me, but by dint of kicking among the stones I reduced them to the granite-like surface which marks a roadman's foot-gear. Then I bit and scraped my finger-nails till the edges were all cracked and uneven. The men I was matched against would miss no detail. I broke one of the bootlaces and retied it in a clumsy knot, and loosed the other so that my thick grey socks bulged over the uppers. Still no sign of anything on the road. The motor I had observed half an hour ago must have gone home. My toilet complete, I took up the barrow and began my journeys to and from the quarry a hundred yards off. I remember an old scout in Rhodesia, who had done many queer things in his day, once telling me that the secret of playing a part was to think yourself into it. You could never keep it up, he said, unless you could manage to convince yourself that you were it. So I shut off all other thoughts and switched them on to the road- mending. I thought of the little white cottage as my home, I recalled the years I had spent herding on Leithen Water, I made my mind dwell lovingly on sleep in a box-bed and a bottle of cheap whisky. Still nothing appeared on that long white road. Now and then a sheep wandered off the heather to stare at me. A heron flopped down to a pool in the stream and started to fish, taking no more notice of me than if I had been a milestone. On I went, trundling my loads of stone, with the heavy step of the professional. Soon I grew warm, and the dust on my face changed into solid and abiding grit. I was already counting the hours till evening should put a limit to Mr Turnbull's monotonous toil. Suddenly a crisp voice spoke from the road, and looking up I saw a little Ford two-seater, and a round-faced young man in a bowler hat. 'Are you Alexander Turnbull?' he asked. 'I am the new County Road Surveyor. You live at Blackhopefoot, and have charge of the section from Laidlawbyres to the Riggs? Good! A fair bit of road, Turnbull, and not badly engineered. A little soft about a mile off, and the edges want cleaning. See you look after that. Good morning. You'll know me the next time you see me.' Clearly my get-up was good enough for the dreaded Surveyor. I went on with my work, and as the morning grew towards noon I was cheered by a little traffic. A baker's van breasted the hill, and sold me a bag of ginger biscuits which I stowed in my trouser- pockets against emergencies. Then a herd passed with sheep, and disturbed me somewhat by asking loudly, 'What had become o' Specky?' 'In bed wi' the colic,' I replied, and the herd passed on ... just about mid-day a big car stole down the hill, glided past and drew up a hundred yards beyond. Its three occupants descended as if to stretch their legs, and sauntered towards me. Two of the men I had seen before from the window of the Galloway inn - one lean, sharp, and dark, the other comfortable and smiling. The third had the look of a countryman - a vet, perhaps, or a small farmer. He was dressed in ill-cut knickerbockers, and the eye in his head was as bright and wary as a hen's. "Morning,' said the last. 'That's a fine easy job o' yours.' I had not looked up on their approach, and now, when accosted, I slowly and painfully straightened my back, after the manner of roadmen; spat vigorously, after the manner of the low Scot; and regarded them steadily before replying. I confronted three pairs of eyes that missed nothing. 'There's waur jobs and there's better,' I said sententiously. 'I wad rather hae yours, sittin' a' day on your hinderlands on thae cushions. It's you and your muckle cawrs that wreck my roads! If we a' had oor richts, ye sud be made to mend what ye break.' The bright-eyed man was looking at the newspaper lying beside Turnbull's bundle. 'I see you get your papers in good time,' he said. I glanced at it casually. 'Aye, in gude time. Seein' that that paper cam' out last Setterday I'm just Sax days late.' He picked it up, glanced at the superscription, and laid it down again. One of the others had been looking at my boots, and a word in German called the speaker's attention to them. 'You've a fine taste in boots,' he said. 'These were never made by a country shoemaker.' 'They were not,' I said readily. 'They were made in London. I got them frae the gentleman that was here last year for the shootin'. What was his name now?' And I scratched a forgetful head. Again the sleek one spoke in German. 'Let us get on,' he said. 'This fellow is all right.' They asked one last question. 'Did you see anyone pass early this morning? He might be on a bicycle or he might be on foot.' I very nearly fell into the trap and told a story of a bicyclist hurrying past in the grey dawn. But I had the sense to see my danger. I pretended to consider very deeply. 'I wasna up very early,' I said. 'Ye see, my dochter was merrit last nicht, and we keepit it up late. I opened the house door about seeven and there was naebody on the road then. Since I cam' up here there has just been the baker and the Ruchill herd, besides you gentlemen.' One of them gave me a cigar, which I smelt gingerly and stuck in Turnbull's bundle. They got into their car and were out of sight in three minutes. My heart leaped with an enormous relief, but I went on wheeling my stones. It was as well, for ten minutes later the car returned, one of the occupants waving a hand to me. Those gentry left nothing to chance. I finished Turnbull's bread and cheese, and pretty soon I had finished the stones. The next step was what puzzled me. I could not keep up this roadmaking business for long. A merciful Providence had kept Mr Turnbull indoors, but if he appeared on the scene there would be trouble. I had a notion that the cordon was still tight round the glen, and that if I walked in any direction I should meet with questioners. But get out I must. No man's nerve could stand more than a day of being spied on. I stayed at my post till five o'clock. By that time I had resolved to go down to Turnbull's cottage at nightfall and take my chance of getting over the hills in the darkness. But suddenly a new car came up the road, and slowed down a yard or two from me. A fresh wind had risen, and the occupant wanted to light a cigarette. It was a touring car, with the tonneau full of an assortment of baggage. One man sat in it, and by an amazing chance I knew him. His name was Marmaduke jopley, and he was an offence to creation. He was a sort of blood stockbroker, who did his business by toadying eldest sons and rich young peers and foolish old ladies. 'Marmie' was a familiar figure, I understood, at balls and polo- weeks and country houses. He was an adroit scandal-monger, and would crawl a mile on his belly to anything that had a title or a million. I had a business introduction to his firm when I came to London, and he was good enough to ask me to dinner at his club. There he showed off at a great rate, and pattered about his duchesses till the snobbery of the creature turned me sick. I asked a man afterwards why nobody kicked him, and was told that Englishmen reverenced the weaker sex. Anyhow there he was now, nattily dressed, in a fine new car, obviously on his way to visit some of his smart friends. A sudden daftness took me, and in a second I had jumped into the tonneau and had him by the shoulder. 'Hullo, jopley,' I sang out. 'Well met, my lad!' He got a horrid fright. His chin dropped as he stared at me. 'Who the devil are YOU?' he gasped. 'My name's Hannay,' I said. 'From Rhodesia, you remember.' 'Good God, the murderer!' he choked. 'Just so. And there'll be a second murder, my dear, if you don't do as I tell you. Give me that coat of yours. That cap, too.' He did as bid, for he was blind with terror. Over my dirty trousers and vulgar shirt I put on his smart driving-coat, which buttoned high at the top and thereby hid the deficiencies of my collar. I stuck the cap on my head, and added his gloves to my get- up. The dusty roadman in a minute was transformed into one of the neatest motorists in Scotland. On Mr jopley's head I clapped Turnbull's unspeakable hat, and told him to keep it there. Then with some difficulty I turned the car. My plan was to go back the road he had come, for the watchers, having seen it before, would probably let it pass unremarked, and Marmie's figure was in no way like mine. 'Now, my child,' I said, 'sit quite still and be a good boy. I mean you no harm. I'm only borrowing your car for an hour or two. But if you play me any tricks, and above all if you open your mouth, as sure as there's a God above me I'll wring your neck. SAVEZ?' I enjoyed that evening's ride. We ran eight miles down the valley, through a village or two, and I could not help noticing several strange-looking folk lounging by the roadside. These were the watchers who would have had much to say to me if I had come in other garb or company. As it was, they looked incuriously on. One touched his cap in salute, and I responded graciously. As the dark fell I turned up a side glen which, as I remember from the map, led into an unfrequented corner of the hills. Soon the villages were left behind, then the farms, and then even the wayside cottage. Presently we came to a lonely moor where the night was blackening the sunset gleam in the bog pools. Here we stopped, and I obligingly reversed the car and restored to Mr jopley his belongings. 'A thousand thanks,' I said. 'There's more use in you than I thought. Now be off and find the police.' As I sat on the hillside, watching the tail-light dwindle, I reflected on the various kinds of crime I had now sampled. Contrary to general belief, I was not a murderer, but I had become an unholy liar, a shameless impostor, and a highwayman with a marked taste for expensive motor-cars. 6. The Adventure of the Bald Archaeologist I spent the night on a shelf of the hillside, in the lee of a boulder where the heather grew long and soft. It was a cold business, for I had neither coat nor waistcoat. These were in Mr Turnbull's keeping, as was Scudder's little book, my watch and - worst of all - my pipe and tobacco pouch. Only my money accompanied me in my belt, and about half a pound of ginger biscuits in my trousers pocket. I supped off half those biscuits, and by worming myself deep into the heather got some kind of warmth. My spirits had risen, and I was beginning to enjoy this crazy game of hide-and-seek. So far I had been miraculously lucky. The milkman, the literary innkeeper, Sir Harry, the roadman, and the idiotic Marmie, were all pieces of undeserved good fortune. Somehow the first success gave me a feeling that I was going to pull the thing through. My chief trouble was that I was desperately hungry. When a Jew shoots himself in the City and there is an inquest, the newspapers usually report that the deceased was 'well-nourished'. I remember thinking that they would not call me well-nourished if I broke my neck in a bog-hole. I lay and tortured myself - for the ginger biscuits merely emphasized the aching void - with the memory of all the good food I had thought so little of in London. There were Paddock's crisp sausages and fragrant shavings of bacon, and shapely poached eggs - how often I had turned up my nose at them! There were the cutlets they did at the club, and a particular ham that stood on the cold table, for which my soul lusted. My thoughts hovered over all varieties of mortal edible, and finally settled on a porterhouse steak and a quart of bitter with a welsh rabbit to follow. In longing hopelessly for these dainties I fell asleep. I woke very cold and stiff about an hour after dawn. It took me a little while to remember where I was, for I had been very weary and had slept heavily. I saw first the pale blue sky through a net of heather, then a big shoulder of hill, and then my own boots placed neatly in a blaeberry bush. I raised myself on my arms and looked down into the valley, and that one look set me lacing up my boots in mad haste. For there were men below, not more than a quarter of a mile off, spaced out on the hillside like a fan, and beating the heather. Marmie had not been slow in looking for his revenge. I crawled out of my shelf into the cover of a boulder, and from it gained a shallow trench which slanted up the mountain face. This led me presently into the narrow gully of a burn, by way of which I scrambled to the top of the ridge. From there I looked back, and saw that I was still undiscovered. My pursuers were patiently quartering the hillside and moving upwards. Keeping behind the skyline I ran for maybe half a mile, till I judged I was above the uppermost end of the glen. Then I showed myself, and was instantly noted by one of the flankers, who passed the word to the others. I heard cries coming up from below, and saw that the line of search had changed its direction. I pretended to retreat over the skyline, but instead went back the way I had come, and in twenty minutes was behind the ridge overlooking my sleeping place. From that viewpoint I had the satisfaction of seeing the pursuit streaming up the hill at the top of the glen on a hopelessly false scent. I had before me a choice of routes, and I chose a ridge which made an angle with the one I was on, and so would soon put a deep glen between me and my enemies. The exercise had warmed my blood, and I was beginning to enjoy myself amazingly. As I went I breakfasted on the dusty remnants of the ginger biscuits. I knew very little about the country, and I hadn't a notion what I was going to do. I trusted to the strength of my legs, but I was well aware that those behind me would be familiar with the lie of the land, and that my ignorance would be a heavy handicap. I saw in front of me a sea of hills, rising very high towards the south, but northwards breaking down into broad ridges which separated wide and shallow dales. The ridge I had chosen seemed to sink after a mile or two to a moor which lay like a pocket in the uplands. That seemed as good a direction to take as any other. My stratagem had given me a fair start - call it twenty minutes - and I had the width of a glen behind me before I saw the first heads of the pursuers. The police had evidently called in local talent to their aid, and the men I could see had the appearance of herds or gamekeepers. They hallooed at the sight of me, and I waved my hand. Two dived into the glen and began to climb my ridge, while the others kept their own side of the hill. I felt as if I were taking part in a schoolboy game of hare and hounds. But very soon it began to seem less of a game. Those fellows behind were hefty men on their native heath. Looking back I saw that only three were following direct, and I guessed that the others had fetched a circuit to cut me off. My lack of local knowledge might very well be my undoing, and I resolved to get out of this tangle of glens to the pocket of moor I had seen from the tops. I must so increase my distance as to get clear away from them, and I believed I could do this if I could find the right ground for it. If there had been cover I would have tried a bit of stalking, but on these bare slopes you could see a fly a mile off. My hope must be in the length of my legs and the soundness of my wind, but I needed easier ground for that, for I was not bred a mountaineer. How I longed for a good Afrikander pony! I put on a great spurt and got off my ridge and down into the moor before any figures appeared on the skyline behind me. I crossed a burn, and came out on a highroad which made a pass between two glens. All in front of me was a big field of heather sloping up to a crest which was crowned with an odd feather of trees. In the dyke by the roadside was a gate, from which a grass- grown track led over the first wave of the moor. I jumped the dyke and followed it, and after a few hundred yards - as soon as it was out of sight of the highway - the grass stopped and it became a very respectable road, which was evidently kept with some care. Clearly it ran to a house, and I began to think of doing the same. Hitherto my luck had held, and it might be that my best chance would be found in this remote dwelling. Anyhow there were trees there, and that meant cover. I did not follow the road, but the burnside which flanked it on the right, where the bracken grew deep and the high banks made a tolerable screen. It was well I did so, for no sooner had I gained the hollow than, looking back, I saw the pursuit topping the ridge from which I had descended. After that I did not look back; I had no time. I ran up the burnside, crawling over the open places, and for a large part wading in the shallow stream. I found a deserted cottage with a row of phantom peat-stacks and an overgrown garden. Then I was among young hay, and very soon had come to the edge of a plantation of wind-blown firs. From there I saw the chimneys of the house smoking a few hundred yards to my left. I forsook the burnside, crossed another dyke, and almost before I knew was on a rough lawn. A glance back told me that I was well out of sight of the pursuit, which had not yet passed the first lift of the moor. The lawn was a very rough place, cut with a scythe instead of a mower, and planted with beds of scrubby rhododendrons. A brace of black-game, which are not usually garden birds, rose at my approach. The house before me was the ordinary moorland farm, with a more pretentious whitewashed wing added. Attached to this wing was a glass veranda, and through the glass I saw the face of an elderly gentleman meekly watching me. I stalked over the border of coarse hill gravel and entered the open veranda door. Within was a pleasant room, glass on one side, and on the other a mass of books. More books showed in an inner room. On the floor, instead of tables, stood cases such as you see in a museum, filled with coins and queer stone implements. There was a knee-hole desk in the middle, and seated at it, with some papers and open volumes before him, was the benevolent old gentleman. His face was round and shiny, like Mr Pickwick's, big glasses were stuck on the end of his nose, and the top of his head was as bright and bare as a glass bottle. He never moved when I entered, but raised his placid eyebrows and waited on me to speak. It was not an easy job, with about five minutes to spare, to tell a stranger who I was and what I wanted, and to win his aid. I did not attempt it. There was something about the eye of the man before me, something so keen and knowledgeable, that I could not find a word. I simply stared at him and stuttered. 'You seem in a hurry, my friend,'he said slowly. I nodded towards the window. It gave a prospect across the moor through a gap in the plantation, and revealed certain figures half a mile off straggling through the heather. 'Ah, I see,' he said, and took up a pair of field-glasses through which he patiently scrutinized the figures. 'A fugitive from justice, eh? Well, we'll go into the matter at our leisure. Meantime I object to my privacy being broken in upon by the clumsy rural policeman. Go into my study, and you will see two doors facing you. Take the one on the left and close it behind you. You will be perfectly safe.' And this extraordinary man took up his pen again. I did as I was bid, and found myself in a little dark chamber which smelt of chemicals, and was lit only by a tiny window high up in the wall. The door had swung behind me with a click like the door of a safe. Once again I had found an unexpected sanctuary. All the same I was not comfortable. There was something about the old gentleman which puzzled and rather terrified me. He had been too easy and ready, almost as if he had expected me. And his eyes had been horribly intelligent. No sound came to me in that dark place. For all I knew the police might be searching the house, and if they did they would want to know what was behind this door. I tried to possess my soul in patience, and to forget how hungry I was. Then I took a more cheerful view. The old gentleman could scarcely refuse me a meal, and I fell to reconstructing my breakfast. Bacon and eggs would content me, but I wanted the better part of a flitch of bacon and half a hundred eggs. And then, while my mouth was watering in anticipation, there was a click and the door stood open. I emerged into the sunlight to find the master of the house sitting in a deep armchair in the room he called his study, and regarding me with curious eyes. 'Have they gone?' I asked. 'They have gone. I convinced them that you had crossed the hill. I do not choose that the police should come between me and one whom I am delighted to honour. This is a lucky morning for you, Mr Richard Hannay.' As he spoke his eyelids seemed to tremble and to fall a little over his keen grey eyes. In a flash the phrase of Scudder's came back to me, when he had described the man he most dreaded in the world. He had said that he 'could hood his eyes like a hawk'. Then I saw that I had walked straight into the enemy's headquarters. My first impulse was to throttle the old ruffian and make for the open air. He seemed to anticipate my intention, for he smiled gently, and nodded to the door behind me. I turned, and saw two men-servants who had me covered with pistols. He knew my name, but he had never seen me before. And as the reflection darted across my mind I saw a slender chance. 'I don't know what you mean,' I said roughly. 'And who are you calling Richard Hannay? My name's Ainslie.' 'So?' he said, still smiling. 'But of course you have others. We won't quarrel about a name.' I was pulling myself together now, and I reflected that my garb, lacking coat and waistcoat and collar, would at any rate not betray me. I put on my surliest face and shrugged my shoulders. 'I suppose you're going to give me up after all, and I call it a damned dirty trick. My God, I wish I had never seen that cursed motor-car! Here's the money and be damned to you,' and I flung four sovereigns on the table. He opened his eyes a little. 'Oh no, I shall not give you up. My friends and I will have a little private settlement with you, that is all. You know a little too much, Mr Hannay. You are a clever actor, but not quite clever enough.' He spoke with assurance, but I could see the dawning of a doubt in his mind. 'Oh, for God's sake stop jawing,' I cried. 'Everything's against me. I haven't had a bit of luck since I came on shore at Leith. What's the harm in a poor devil with an empty stomach picking up some money he finds in a bust-up motor-car? That's all I done, and for that I've been chivvied for two days by those blasted bobbies over those blasted hills. I tell you I'm fair sick of it. You can do what you like, old boy! Ned Ainslie's got no fight left in him.' I could see that the doubt was gaining. 'Will you oblige me with the story of your recent doings? 'he asked. 'I can't, guv'nor,' I said in a real beggar's whine. 'I've not had a bite to eat for two days. Give me a mouthful of food, and then you'll hear God's truth.' I must have showed my hunger in my face, for he signalled to one of the men in the doorway. A bit of cold pie was brought and a glass of beer, and I wolfed them down like a pig - or rather, like Ned Ainslie, for I was keeping up my character. In the middle of my meal he spoke suddenly to me in German, but I turned on him a face as blank as a stone wall. Then I told him my story - how I had come off an Archangel ship at Leith a week ago, and was making my way overland to my brother at Wigtown. I had run short of cash - I hinted vaguely at a spree - and I was pretty well on my uppers when I had come on a hole in a hedge, and, looking through, had seen a big motor-car lying in the burn. I had poked about to see what had happened, and had found three sovereigns lying on the seat and one on the floor. There was nobody there or any sign of an owner, so I had pocketed the cash. But somehow the law had got after me. When I had tried to change a sovereign in a baker's shop, the woman had cried on the police, and a little later, when I was washing my face in a burn, I had been nearly gripped, and had only got away by leaving my coat and waistcoat behind me. 'They can have the money back,' I cried, 'for a fat lot of good it's done me. Those perishers are all down on a poor man. Now, if it had been you, guv'nor, that had found the quids, nobody would have troubled you.' 'You're a good liar, Hannay,' he said. I flew into a rage. 'Stop fooling, damn you! I tell you my name's Ainslie, and I never heard of anyone called Hannay in my born days. I'd sooner have the police than you with your Hannays and your monkey-faced pistol tricks ... No, guv'nor, I beg pardon, I don't mean that. I'm much obliged to you for the grub, and I'll thank you to let me go now the coast's clear.' It was obvious that he was badly puzzled. You see he had never seen me, and my appearance must have altered considerably from my photographs, if he had got one of them. I was pretty smart and well dressed in London, and now I was a regular tramp. 'I do not propose to let you go. If you are what you say you are, you will soon have a chance of clearing yourself. If you are what I believe you are, I do not think you will see the light much longer.' He rang a bell, and a third servant appeared from the veranda. 'I want the Lanchester in five minutes,' he said. 'There will be three to luncheon.' Then he looked steadily at me, and that was the hardest ordeal of all. There was something weird and devilish in those eyes, cold, malignant, unearthly, and most hellishly clever. They fascinated me like the bright eyes of a snake. I had a strong impulse to throw myself on his mercy and offer to join his side, and if you consider the way I felt about the whole thing you will see that that impulse must have been purely physical, the weakness of a brain mesmerized and mastered by a stronger spirit. But I managed to stick it out and even to grin. 'You'll know me next time, guv'nor,' I said. 'Karl,' he spoke in German to one of the men in the doorway, 'you will put this fellow in the storeroom till I return, and you will be answerable to me for his keeping.' I was marched out of the room with a pistol at each ear. The storeroom was a damp chamber in what had been the old farmhouse. There was no carpet on the uneven floor, and nothing to sit down on but a school form. It was black as pitch, for the windows were heavily shuttered. I made out by groping that the walls were lined with boxes and barrels and sacks of some heavy stuff. The whole place smelt of mould and disuse. My gaolers turned the key in the door, and I could hear them shifting their feet as they stood on guard outside. I sat down in that chilly darkness in a very miserable frame of mind. The old boy had gone off in a motor to collect the two ruffians who had interviewed me yesterday. Now, they had seen me as the roadman, and they would remember me, for I was in the same rig. What was a roadman doing twenty miles from his beat, pursued by the police? A question or two would put them on the track. Probably they had seen Mr Turnbull, probably Marmie too; most likely they could link me up with Sir Harry, and then the whole thing would be crystal clear. What chance had I in this moorland house with three desperadoes and their armed servants? I began to think wistfully of the police, now plodding over the hills after my wraith. They at any rate were fellow-countrymen and honest men, and their tender mercies would be kinder than these ghoulish aliens. But they wouldn't have listened to me. That old devil with the eyelids had not taken long to get rid of them. I thought he probably had some kind of graft with the constabulary. Most likely he had letters from Cabinet Ministers saying he was to be given every facility for plotting against Britain. That's the sort of owlish way we run our politics in the Old Country. The three would be back for lunch, so I hadn't more than a couple of hours to wait. It was simply waiting on destruction, for I could see no way out of this mess. I wished that I had Scudder's courage, for I am free to confess I didn't feel any great fortitude. The only thing that kept me going was that I was pretty furious. It made me boil with rage to think of those three spies getting the pull on me like this. I hoped that at any rate I might be able to twist one of their necks before they downed me. The more I thought of it the angrier I grew, and I had to get up and move about the room. I tried the shutters, but they were the kind that lock with a key, and I couldn't move them. From the outside came the faint clucking of hens in the warm sun. Then I groped among the sacks and boxes. I couldn't open the latter, and the sacks seemed to be full of things like dog-biscuits that smelt of cinnamon. But, as I circumnavigated the room, I found a handle in the wall which seemed worth investigating. It was the door of a wall cupboard - what they call a 'press' in Scotland - and it was locked. I shook it, and it seemed rather flimsy. For want of something better to do I put out my strength on that door, getting some purchase on the handle by looping my braces round it. Presently the thing gave with a crash which I thought would bring in my warders to inquire. I waited for a bit, and then started to explore the cupboard shelves. There was a multitude of queer things there. I found an odd vesta or two in my trouser pockets and struck a light. It was out in a second, but it showed me one thing. There was a little stock of electric torches on one shelf. I picked up one, and found it was in working order. With the torch to help me I investigated further. There were bottles and cases of queer-smelling stuffs, chemicals no doubt for experiments, and there were coils of fine copper wire and yanks and yanks of thin oiled silk. There was a box of detonators, and a lot of cord for fuses. Then away at the back of the shelf I found a stout brown cardboard box, and inside it a wooden case. I managed to wrench it open, and within lay half a dozen little grey bricks, each a couple of inches square. I took up one, and found that it crumbled easily in my hand. Then I smelt it and put my tongue to it. After that I sat down to think. I hadn't been a mining engineer for nothing, and I knew lentonite when I saw it. With one of these bricks I could blow the house to smithereens. I had used the stuff in Rhodesia and knew its power. But the trouble was that my knowledge wasn't exact. I had forgotten the proper charge and the right way of preparing it, and I wasn't sure about the timing. I had only a vague notion, too, as to its power, for though I had used it I had not handled it with my own fingers. But it was a chance, the only possible chance. It was a mighty risk, but against it was an absolute black certainty. If I used it the odds were, as I reckoned, about five to one in favour of my blowing myself into the tree-tops; but if I didn't I should very likely be occupying a six-foot hole in the garden by the evening. That was the way I had to look at it. The prospect was pretty dark either way, but anyhow there was a chance, both for myself and for my country. The remembrance of little Scudder decided me. It was about the beastliest moment of my life, for I'm no good at these cold-blooded resolutions. Still I managed to rake up the pluck to set my teeth and choke back the horrid doubts that flooded in on me. I simply shut off my mind and pretended I was doing an experiment as simple as Guy Fawkes fireworks. I got a detonator, and fixed it to a couple of feet of fuse. Then I took a quarter of a lentonite brick, and buried it near the door below one of the sacks in a crack of the floor, fixing the detonator in it. For all I knew half those boxes might be dynamite. If the cupboard held such deadly explosives, why not the boxes? In that case there would be a glorious skyward journey for me and the German servants and about an acre of surrounding country. There was also the risk that the detonation might set off the other bricks in the cupboard, for I had forgotten most that I knew about lentonite. But it didn't do to begin thinking about the possibilities. The odds were horrible, but I had to take them. I ensconced myself just below the sill of the window, and lit the fuse. Then I waited for a moment or two. There was dead silence - only a shuffle of heavy boots in the passage, and the peaceful cluck of hens from the warm out-of-doors. I commended my soul to my Maker, and wondered where I would be in five seconds ... A great wave of heat seemed to surge upwards from the floor, and hang for a blistering instant in the air. Then the wall opposite me flashed into a golden yellow and dissolved with a rending thunder that hammered my brain into a pulp. Something dropped on me, catching the point of my left shoulder. And then I think I became unconscious. My stupor can scarcely have lasted beyond a few seconds. I felt myself being choked by thick yellow fumes, and struggled out of the debris to my feet. Somewhere behind me I felt fresh air. The jambs of the window had fallen, and through the ragged rent the smoke was pouring out to the summer noon. I stepped over the broken lintel, and found myself standing in a yard in a dense and acrid fog. I felt very sick and ill, but I could move my limbs, and I staggered blindly forward away from the house. A small mill-lade ran in a wooden aqueduct at the other side of the yard, and into this I fell. The cool water revived me, and I had just enough wits left to think of escape. I squirmed up the lade among the slippery green slime till I reached the mill-wheel. Then I wriggled through the axle hole into the old mill and tumbled on to a bed of chaff. A nail caught the seat of my trousers, and I left a wisp of heather-mixture behind me. The mill had been long out of use. The ladders were rotten with age, and in the loft the rats had gnawed great holes in the floor. Nausea shook me, and a wheel in my head kept turning, while my left shoulder and arm seemed to be stricken with the palsy. I looked out of the window and saw a fog still hanging over the house and smoke escaping from an upper window. Please God I had set the place on fire, for I could hear confused cries coming from the other side. But I had no time to linger, since this mill was obviously a bad hiding-place. Anyone looking for me would naturally follow the lade, and I made certain the search would begin as soon as they found that my body was not in the storeroom. From another window I saw that on the far side of the mill stood an old stone dovecot. If I could get there without leaving tracks I might find a hiding-place, for I argued that my enemies, if they thought I could move, would conclude I had made for open country, and would go seeking me on the moor. I crawled down the broken ladder, scattering chaff behind me to cover my footsteps. I did the same on the mill floor, and on the threshold where the door hung on broken hinges. Peeping out, I saw that between me and the dovecot was a piece of bare cobbled ground, where no footmarks would show. Also it was mercifully hid by the mill buildings from any view from the house. I slipped across the space, got to the back of the dovecot and prospected a way of ascent. That was one of the hardest jobs I ever took on. My shoulder and arm ached like hell, and I was so sick and giddy that I was always on the verge of falling. But I managed it somehow. By the use of out-jutting stones and gaps in the masonry and a tough ivy root I got to the top in the end. There was a little parapet behind which I found space to lie down. Then I proceeded to go off into an old-fashioned swoon. I woke with a burning head and the sun glaring in my face. For a long time I lay motionless, for those horrible fumes seemed to have loosened my joints and dulled my brain. Sounds came to me from the house - men speaking throatily and the throbbing of a stationary car. There was a little gap in the parapet to which I wriggled, and from which I had some sort of prospect of the yard. I saw figures come out - a servant with his head bound up, and then a younger man in knickerbockers. They were looking for something, and moved towards the mill. Then one of them caught sight of the wisp of cloth on the nail, and cried out to the other. They both went back to the house, and brought two more to look at it. I saw the rotund figure of my late captor, and I thought I made out the man with the lisp. I noticed that all had pistols. For half an hour they ransacked the mill. I could hear them kicking over the barrels and pulling up the rotten planking. Then they came outside, and stood just below the dovecot arguing fiercely. The servant with the bandage was being soundly rated. I heard them fiddling with the door of the dovecote and for one horrid moment I fancied they were coming up. Then they thought better of it, and went back to the house. All that long blistering afternoon I lay baking on the rooftop. Thirst was my chief torment. My tongue was like a stick, and to make it worse I could hear the cool drip of water from the mill- lade. I watched the course of the little stream as it came in from the moor, and my fancy followed it to the top of the glen, where it must issue from an icy fountain fringed with cool ferns and mosses. I would have given a thousand pounds to plunge my face into that. I had a fine prospect of the whole ring of moorland. I saw the car speed away with two occupants, and a man on a hill pony riding east. I judged they were looking for me, and I wished them joy of their quest. But I saw something else more interesting. The house stood almost on the summit of a swell of moorland which crowned a sort of plateau, and there was no higher point nearer than the big hills six miles off. The actual summit, as I have mentioned, was a biggish clump of trees - firs mostly, with a few ashes and beeches. On the dovecot I was almost on a level with the tree-tops, and could see what lay beyond. The wood was not solid, but only a ring, and inside was an oval of green turf, for all the world like a big cricket-field. I didn't take long to guess what it was. It was an aerodrome, and a secret one. The place had been most cunningly chosen. For suppose anyone were watching an aeroplane descending here, he would think it had gone over the hill beyond the trees. As the place was on the top of a rise in the midst of a big amphitheatre, any observer from any direction would conclude it had passed out of view behind the hill. Only a man very close at hand would realize that the aeroplane had not gone over but had descended in the midst of the wood. An observer with a telescope on one of the higher hills might have discovered the truth, but only herds went there, and herds do not carry spy-glasses. When I looked from the dovecot I could see far away a blue line which I knew was the sea, and I grew furious to think that our enemies had this secret conning-tower to rake our waterways. Then I reflected that if that aeroplane came back the chances were ten to one that I would be discovered. So through the afternoon I lay and prayed for the coming of darkness, and glad I was when the sun went down over the big western hills and the twilight haze crept over the moor. The aeroplane was late. The gloaming was far advanced when I heard the beat of wings and saw it volplaning downward to its home in the wood. Lights twinkled for a bit and there was much coming and going from the house. Then the dark fell, and silence. Thank God it was a black night. The moon was well on its last quarter and would not rise till late. My thirst was too great to allow me to tarry, so about nine o'clock, so far as I could judge, I started to descend. It wasn't easy, and half-way down I heard the back door of the house open, and saw the gleam of a lantern against the mill wall. For some agonizing minutes I hung by the ivy and prayed that whoever it was would not come round by the dovecot. Then the light disappeared, and I dropped as softly as I could on to the hard soil of the yard. I crawled on my belly in the lee of a stone dyke till I reached the fringe of trees which surrounded the house. If I had known how to do it I would have tried to put that aeroplane out of action, but I realized that any attempt would probably be futile. I was pretty certain that there would be some kind of defence round the house, so I went through the wood on hands and knees, feeling carefully every inch before me. It was as well, for presently I came on a wire about two feet from the ground. If I had tripped over that, it would doubtless have rung some bell in the house and I would have been captured. A hundred yards farther on I found another wire cunningly placed on the edge of a small stream. Beyond that lay the moor, and in five minutes I was deep in bracken and heather. Soon I was round the shoulder of the rise, in the little glen from which the mill-lade flowed. Ten minutes later my face was in the spring, and I was soaking down pints of the blessed water. But I did not stop till I had put half a dozen miles between me and that accursed dwelling. 7. The Dry-Fly Fisherman I sat down on a hill-top and took stock of my position. I wasn't feeling very happy, for my natural thankfulness at my escape was clouded by my severe bodily discomfort. Those lentonite fumes had fairly poisoned me, and the baking hours on the dovecot hadn't helped matters. I had a crushing headache, and felt as sick as a cat. Also my shoulder was in a bad way. At first I thought it was only a bruise, but it seemed to be swelling, and I had no use of my left arm. My plan was to seek Mr Turnbull's cottage, recover my garments, and especially Scudder's note-book, and then make for the main line and get back to the south. It seemed to me that the sooner I got in touch with the Foreign Office man, Sir Walter Bullivant, the better. I didn't see how I could get more proof than I had got already. He must just take or leave my story, and anyway, with him I would be in better hands than those devilish Germans. I had begun to feel quite kindly towards the British police. It was a wonderful starry night, and I had not much difficulty about the road. Sir Harry's map had given me the lie of the land, and all I had to do was to steer a point or two west of south-west to come to the stream where I had met the roadman. In all these travels I never knew the names of the places, but I believe this stream was no less than the upper waters of the river Tweed. I calculated I must be about eighteen miles distant, and that meant I could not get there before morning. So I must lie up a day somewhere, for I was too outrageous a figure to be seen in the sunlight. I had neither coat, waistcoat, collar, nor hat, my trousers were badly torn, and my face and hands were black with the explosion. I daresay I had other beauties, for my eyes felt as if they were furiously bloodshot. Altogether I was no spectacle for God-fearing citizens to see on a highroad. Very soon after daybreak I made an attempt to clean myself in a hill burn, and then approached a herd's cottage, for I was feeling the need of food. The herd was away from home, and his wife was alone, with no neighbour for five miles. She was a decent old body, and a plucky one, for though she got a fright when she saw me, she had an axe handy, and would have used it on any evil-doer. I told her that I had had a fall - I didn't say how - and she saw by my looks that I was pretty sick. Like a true Samaritan she asked no questions, but gave me a bowl of milk with a dash of whisky in it, and let me sit for a little by her kitchen fire. She would have bathed my shoulder, but it ached so badly that I would not let her touch it. I don't know what she took me for - a repentant burglar, perhaps; for when I wanted to pay her for the milk and tendered a sovereign which was the smallest coin I had, she shook her head and said something about 'giving it to them that had a right to it'. At this I protested so strongly that I think she believed me honest, for she took the money and gave me a warm new plaid for it, and an old hat of her man's. She showed me how to wrap the plaid around my shoulders, and when I left that cottage I was the living image of the kind of Scotsman you see in the illustrations to Burns's poems. But at any rate I was more or less clad. It was as well, for the weather changed before midday to a thick drizzle of rain. I found shelter below an overhanging rock in the crook of a burn, where a drift of dead brackens made a tolerable bed. There I managed to sleep till nightfall, waking very cramped and wretched, with my shoulder gnawing like a toothache. I ate the oatcake and cheese the old wife had given me and set out again just before the darkening. I pass over the miseries of that night among the wet hills. There were no stars to steer by, and I had to do the best I could from my memory of the map. Twice I lost my way, and I had some nasty falls into peat-bogs. I had only about ten miles to go as the crow flies, but my mistakes made it nearer twenty. The last bit was completed with set teeth and a very light and dizzy head. But I managed it, and in the early dawn I was knocking at Mr Turnbull's door. The mist lay close and thick, and from the cottage I could not see the highroad. Mr Turnbull himself opened to me - sober and something more than sober. He was primly dressed in an ancient but well-tended suit of black; he had been shaved not later than the night before; he wore a linen collar; and in his left hand he carried a pocket Bible. At first he did not recognize me. 'Whae are ye that comes stravaigin' here on the Sabbath mornin'?' he asked. I had lost all count of the days. So the Sabbath was the reason for this strange decorum. My head was swimming so wildly that I could not frame a coherent answer. But he recognized me, and he saw that I was ill. 'Hae ye got my specs?' he asked. I fetched them out of my trouser pocket and gave him them. 'Ye'll hae come for your jaicket and westcoat,' he said. 'Come in- bye. Losh, man, ye're terrible dune i' the legs. Haud up till I get ye to a chair.' I perceived I was in for a bout of malaria. I had a good deal of fever in my bones, and the wet night had brought it out, while my shoulder and the effects of the fumes combined to make me feel pretty bad. Before I knew, Mr Turnbull was helping me off with my clothes, and putting me to bed in one of the two cupboards that lined the kitchen walls. He was a true friend in need, that old roadman. His wife was dead years ago, and since his daughter's marriage he lived alone. For the better part of ten days he did all the rough nursing I needed. I simply wanted to be left in peace while the fever took its course, and when my skin was cool again I found that the bout had more or less cured my shoulder. But it was a baddish go, and though I was out of bed in five days, it took me some time to get my legs again. He went out each morning, leaving me milk for the day, and locking the door behind him; and came in in the evening to sit silent in the chimney corner. Not a soul came near the place. When I was getting better, he never bothered me with a question. Several times he fetched me a two days' old SCOTSMAN, and I noticed that the interest in the Portland Place murder seemed to have died down. There was no mention of it, and I could find very little about anything except a thing called the General Assembly - some ecclesiastical spree, I gathered. One day he produced my belt from a lockfast drawer. 'There's a terrible heap o' siller in't,' he said. 'Ye'd better coont it to see it's a' there.' He never even sought my name. I asked him if anybody had been around making inquiries subsequent to my spell at the road-making. 'Ay, there was a man in a motor-cawr. He speired whae had ta'en my place that day, and I let on I thocht him daft. But he keepit on at me, and syne I said he maun be thinkin' o' my gude-brither frae the Cleuch that whiles lent me a haun'. He was a wersh-lookin' sowl, and I couldna understand the half o' his English tongue.' I was getting restless those last days, and as soon as I felt myself fit I decided to be off. That was not till the twelfth day of June, and as luck would have it a drover went past that morning taking some cattle to Moffat. He was a man named Hislop, a friend of Turnbull's, and he came in to his breakfast with us and offered to take me with him. I made Turnbull accept five pounds for my lodging, and a hard job I had of it. There never was a more independent being. He grew positively rude when I pressed him, and shy and red, and took the money at last without a thank you. When I told him how much I owed him, he grunted something about 'ae guid turn deservin' anither'. You would have thought from our leave-taking that we had parted in disgust. Hislop was a cheery soul, who chattered all the way over the pass and down the sunny vale of Annan. I talked of Galloway markets and sheep prices, and he made up his mind I was a 'pack-shepherd' from those parts - whatever that may be. My plaid and my old hat, as I have said, gave me a fine theatrical Scots look. But driving cattle is a mortally slow job, and we took the better part of the day to cover a dozen miles. If I had not had such an anxious heart I would have enjoyed that time. It was shining blue weather, with a constantly changing prospect of brown hills and far green meadows, and a continual sound of larks and curlews and falling streams. But I had no mind for the summer, and little for Hislop's conversation, for as the fateful fifteenth of June drew near I was overweighed with the hopeless difficulties of my enterprise. I got some dinner in a humble Moffat public-house, and walked the two miles to the junction on the main line. The night express for the south was not due till near midnight, and to fill up the time I went up on the hillside and fell asleep, for the walk had tired me. I all but slept too long, and had to run to the station and catch the train with two minutes to spare. The feel of the hard third-class cushions and the smell of stale tobacco cheered me up wonderfully. At any rate, I felt now that I was getting to grips with my job. I was decanted at Crewe in the small hours and had to wait till six to get a train for Birmingham. In the afternoon I got to Reading, and changed into a local train which journeyed into the deeps of Berkshire. Presently I was in a land of lush water-meadows and slow reedy streams. About eight o'clock in the evening, a weary and travel-stained being - a cross between a farm-labourer and a vet - with a checked black-and-white plaid over his arm (for I did not dare to wear it south of the Border), descended at the little station of Artinswell. There were several people on the platform, and I thought I had better wait to ask my way till I was clear of the place. The road led through a wood of great beeches and then into a shallow valley, with the green backs of downs peeping over the distant trees. After Scotland the air smelt heavy and flat, but infinitely sweet, for the limes and chestnuts and lilac bushes were domes of blossom. Presently I came to a bridge, below which a clear slow stream flowed between snowy beds of water-buttercups. A little above it was a mill; and the lasher made a pleasant cool sound in the scented dusk. Somehow the place soothed me and put me at my ease. I fell to whistling as I looked into the green depths, and the tune which came to my lips was 'Annie Laurie'. A fisherman came up from the waterside, and as he neared me he too began to whistle. The tune was infectious, for he followed my suit. He was a huge man in untidy old flannels and a wide-brimmed hat, with a canvas bag slung on his shoulder. He nodded to me, and I thought I had never seen a shrewder or better-tempered face. He leaned his delicate ten-foot split-cane rod against the bridge, and looked with me at the water. 'Clear, isn't it?' he said pleasantly. 'I back our Kenner any day against the Test. Look at that big fellow. Four pounds if he's an ounce. But the evening rise is over and you can't tempt 'em.' 'I don't see him,' said I. 'Look! There! A yard from the reeds just above that stickle.' 'I've got him now. You might swear he was a black stone.' 'So,' he said, and whistled another bar of 'Annie Laurie'. 'Twisdon's the name, isn't it?' he said over his shoulder, his eyes still fixed on the stream. 'No,' I said. 'I mean to say, Yes.' I had forgotten all about my alias. 'It's a wise conspirator that knows his own name,' he observed, grinning broadly at a moor-hen that emerged from the bridge's shadow. I stood up and looked at him, at the square, cleft jaw and broad, lined brow and the firm folds of cheek, and began to think that here at last was an ally worth having. His whimsical blue eyes seemed to go very deep. Suddenly he frowned. 'I call it disgraceful,' he said, raising his voice. 'Disgraceful that an able-bodied man like you should dare to beg. You can get a meal from my kitchen, but you'll get no money from me.' A dog-cart was passing, driven by a young man who raised his whip to salute the fisherman. When he had gone, he picked up his rod. 'That's my house,' he said, pointing to a white gate a hundred yards on. 'Wait five minutes and then go round to the back door.' And with that he left me. I did as I was bidden. I found a pretty cottage with a lawn running down to the stream, and a perfect jungle of guelder-rose and lilac flanking the path. The back door stood open, and a grave butler was awaiting me. 'Come this way, Sir,' he said, and he led me along a passage and up a back staircase to a pleasant bedroom looking towards the river. There I found a complete outfit laid out for me - dress clothes with all the fixings, a brown flannel suit, shirts, collars, ties, shaving things and hair-brushes, even a pair of patent shoes. 'Sir Walter thought as how Mr Reggie's things would fit you, Sir,' said the butler. 'He keeps some clothes 'ere, for he comes regular on the week-ends. There's a bathroom next door, and I've prepared a 'ot bath. Dinner in 'alf an hour, Sir. You'll 'ear the gong.' The grave being withdrew, and I sat down in a chintz-covered easy-chair and gaped. It was like a pantomime, to come suddenly out of beggardom into this orderly comfort. Obviously Sir Walter believed in me, though why he did I could not guess. I looked at myself in the mirror and saw a wild, haggard brown fellow, with a fortnight's ragged beard, and dust in ears and eyes, collarless, vulgarly shirted, with shapeless old tweed clothes and boots that had not been cleaned for the better part of a month. I made a fine tramp and a fair drover; and here I was ushered by a prim butler into this temple of gracious ease. And the best of it was that they did not even know my name. I resolved not to puzzle my head but to take the gifts the gods had provided. I shaved and bathed luxuriously, and got into the dress clothes and clean crackling shirt, which fitted me not so badly. By the time I had finished the looking-glass showed a not unpersonable young man. Sir Walter awaited me in a dusky dining-room where a little round table was lit with silver candles. The sight of him - so respectable and established and secure, the embodiment of law and government and all the conventions - took me aback and made me feel an interloper. He couldn't know the truth about me, or he wouldn't treat me like this. I simply could not accept his hospitality on false pretences. 'I'm more obliged to you than I can say, but I'm bound to make things clear,' I said. 'I'm an innocent man, but I'm wanted by the police. I've got to tell you this, and I won't be surprised if you kick me out.' He smiled. 'That's all right. Don't let that interfere with your appetite. We can talk about these things after dinner.' I never ate a meal with greater relish, for I had had nothing all day but railway sandwiches. Sir Walter did me proud, for we drank a good champagne and had some uncommon fine port afterwards. it made me almost hysterical to be sitting there, waited on by a footman and a sleek butler, and remember that I had been living for three weeks like a brigand, with every man's hand against me. I told Sir Walter about tiger-fish in the Zambesi that bite off your fingers if you give them a chance, and we discussed sport up and down the globe, for he had hunted a bit in his day. We went to his study for coffee, a jolly room full of books and trophies and untidiness and comfort. I made up my mind that if ever I got rid of this business and had a house of my own, I would create just such a room. Then when the coffee-cups were cleared away, and we had got our cigars alight, my host swung his long legs over the side of his chair and bade me get started with my yarn. 'I've obeyed Harry's instructions,' he said, 'and the bribe he offered me was that you would tell me something to wake me up. I'm ready, Mr Hannay.' I noticed with a start that he called me by my proper name. I began at the very beginning. I told of my boredom in London, and the night I had come back to find Scudder gibbering on my doorstep. I told him all Scudder had told me about Karolides and the Foreign Office conference, and that made him purse his lips and grin. Then I got to the murder, and he grew solemn again. He heard all about the milkman and my time in Galloway, and my deciphering Scudder's notes at the inn. 'You've got them here?' he asked sharply, and drew a long breath when I whipped the little book from my pocket. I said nothing of the contents. Then I described my meeting with Sir Harry, and the speeches at the hall. At that he laughed uproariously. 'Harry talked dashed nonsense, did he? I quite believe it. He's as good a chap as ever breathed, but his idiot of an uncle has stuffed his head with maggots. Go on, Mr Hannay.' My day as roadman excited him a bit. He made me describe the two fellows in the car very closely, and seemed to be raking back in his memory. He grew merry again when he heard of the fate of that ass jopley. But the old man in the moorland house solemnized him. Again I had to describe every detail of his appearance. 'Bland and bald-headed and hooded his eyes like a bird ... He sounds a sinister wild-fowl! And you dynamited his hermitage, after he had saved you from the police. Spirited piece of work, that!' Presently I reached the end of my wanderings. He got up slowly, and looked down at me from the hearth-rug. 'You may dismiss the police from your mind,' he said. 'You're in no danger from the law of this land.' 'Great Scot!' I cried. 'Have they got the murderer?' 'No. But for the last fortnight they have dropped you from the list of possibles.' 'Why?' I asked in amazement. 'Principally because I received a letter from Scudder. I knew something of the man, and he did several jobs for me. He was half crank, half genius, but he was wholly honest. The trouble about him was his partiality for playing a lone hand. That made him pretty well useless in any Secret Service - a pity, for he had uncommon gifts. I think he was the bravest man in the world, for he was always shivering with fright, and yet nothing would choke him off. I had a letter from him on the 31st of May.' 'But he had been dead a week by then.' 'The letter was written and posted on the 23rd. He evidently did not anticipate an immediate decease. His communications usually took a week to reach me, for they were sent under cover to Spain and then to Newcastle. He had a mania, you know, for concealing his tracks.' 'What did he say?' I stammered. 'Nothing. Merely that he was in danger, but had found shelter with a good friend, and that I would hear from him before the 15th of June. He gave me no address, but said he was living near Portland Place. I think his object was to clear you if anything happened. When I got it I went to Scotland Yard, went over the details of the inquest, and concluded that you were the friend. We made inquiries about you, Mr Hannay, and found you were respectable. I thought I knew the motives for your disappearance - not only the police, the other one too - and when I got Harry's scrawl I guessed at the rest. I have been expecting you any time this past week.' You can imagine what a load this took off my mind. I felt a free man once more, for I was now up against my country's enemies only, and not my country's law. 'Now let us have the little note-book,' said Sir Walter. It took us a good hour to work through it. I explained the cypher, and he was jolly quick at picking it up. He emended my reading of it on several points, but I had been fairly correct, on the whole. His face was very grave before he had finished, and he sat silent for a while. 'I don't know what to make of it,' he said at last. 'He is right about one thing - what is going to happen the day after tomorrow. How the devil can it have got known? That is ugly enough in itself. But all this about war and the Black Stone - it reads like some wild melodrama. If only I had more confidence in Scudder's judgement. The trouble about him was that he was too romantic. He had the artistic temperament, and wanted a story to be better than God meant it to be. He had a lot of odd biases, too. Jews, for example, made him see red. Jews and the high finance. 'The Black Stone,' he repeated. 'DER SCHWARZE STEIN. It's like a penny novelette. And all this stuff about Karolides. That is the weak part of the tale, for I happen to know that the virtuous Karolides is likely to outlast us both. There is no State in Europe that wants him gone. Besides, he has just been playing up to Berlin and Vienna and giving my Chief some uneasy moments. No! Scudder has gone off the track there. Frankly, Hannay, I don't believe that part of his story. There's some nasty business afoot, and he found out too much and lost his life over it. But I am ready to take my oath that it is ordinary spy work. A certain great European Power makes a hobby of her spy system, and her methods are not too particular. Since she pays by piecework her blackguards are not likely to stick at a murder or two. They want our naval dispositions for their collection at the Marineamt; but they will be pigeon-holed - nothing more.' just then the butler entered the room. 'There's a trunk-call from London, Sir Walter. It's Mr 'Eath, and he wants to speak to you personally.' My host went off to the telephone. He returned in five minutes with a whitish face. 'I apologize to the shade of Scudder,' he said. 'Karolides was shot dead this evening at a few minutes after seven.' 8. The Coming of the Black Stone I came down to breakfast next morning, after eight hours of blessed dreamless sleep, to find Sir Walter decoding a telegram in the midst of muffins and marmalade. His fresh rosiness of yesterday seemed a thought tarnished. 'I had a busy hour on the telephone after you went to bed,' he said. 'I got my Chief to speak to the First Lord and the Secretary for War, and they are bringing Royer over a day sooner. This wire clinches it. He will be in London at five. Odd that the code word for a SOUS-CHEF D/ETAT MAJOR-GENERAL should be "Porker".' He directed me to the hot dishes and went on. 'Not that I think it will do much good. If your friends were clever enough to find out the first arrangement they are clever enough to discover the change. I would give my head to know where the leak is. We believed there were only five men in England who knew about Royer's visit, and you may be certain there were fewer in France, for they manage these things better there.' While I ate he continued to talk, making me to my surprise a present of his full confidence. 'Can the dispositions not be changed?' I asked. 'They could,' he said. 'But we want to avoid that if possible. They are the result of immense thought, and no alteration would be as good. Besides, on one or two points change is simply impossible. Still, something could be done, I suppose, if it were absolutely necessary. But you see the difficulty, Hannay. Our enemies are not going to be such fools as to pick Royer's pocket or any childish game like that. They know that would mean a row and put us on our guard. Their aim is to get the details without any one of us knowing, so that Royer will go back to Paris in the belief that the whole business is still deadly secret. If they can't do that they fail, for, once we suspect, they know that the whole thing must be altered.' 'Then we must stick by the Frenchman's side till he is home again,' I said. 'If they thought they could get the information in Paris they would try there. It means that they have some deep scheme on foot in London which they reckon is going to win out.' 'Royer dines with my Chief, and then comes to my house where four people will see him - Whittaker from the Admiralty, myself, Sir Arthur Drew, and General Winstanley. The First Lord is ill, and has gone to Sheringham. At my house he will get a certain document from Whittaker, and after that he will be motored to Portsmouth where a destroyer will take him to Havre. His journey is too important for the ordinary boat-train. He will never be left unattended for a moment till he is safe on French soil. The same with Whittaker till he meets Royer. That is the best we can do, and it's hard to see how there can be any miscarriage. But I don't mind admitting that I'm horribly nervous. This murder of Karolides will play the deuce in the chancelleries of Europe.' After breakfast he asked me if I could drive a car. 'Well, you'll be my chauffeur today and wear Hudson's rig. You're about his size. You have a hand in this business and we are taking no risks. There are desperate men against us, who will not respect the country retreat of an overworked official.' When I first came to London I had bought a car and amused myself with running about the south of England, so I knew something of the geography. I took Sir Walter to town by the Bath Road and made good going. It was a soft breathless June morning, with a promise of sultriness later, but it was delicious enough swinging through the little towns with their freshly watered streets, and past the summer gardens of the Thames valley. I landed Sir Walter at his house in Queen Anne's Gate punctually by half-past eleven. The butler was coming up by train with the luggage. The first thing he did was to take me round to Scotland Yard. There we saw a prim gentleman, with a clean-shaven, lawyer's face. 'I've brought you the Portland Place murderer,' was Sir Walter's introduction. The reply was a wry smile. 'It would have been a welcome present, Bullivant. This, I presume, is Mr Richard Hannay, who for some days greatly interested my department.' 'Mr Hannay will interest it again. He has much to tell you, but not today. For certain grave reasons his tale must wait for four hours. Then, I can promise you, you will be entertained and possibly edified. I want you to assure Mr Hannay that he will suffer no further inconvenience.' This assurance was promptly given. 'You can take up your life where you left off,' I was told. 'Your flat, which probably you no longer wish to occupy, is waiting for you, and your man is still there. As you were never publicly accused, we considered that there was no need of a public exculpation. But on that, of course, you must please yourself.' 'We may want your assistance later on, MacGillivray,' Sir Walter said as we left. Then he turned me loose. 'Come and see me tomorrow, Hannay. I needn't tell you to keep deadly quiet. If I were you I would go to bed, for you must have considerable arrears of sleep to overtake. You had better lie low, for if one of your Black Stone friends saw you there might be trouble.' I felt curiously at a loose end. At first it was very pleasant to be a free man, able to go where I wanted without fearing anything. I had only been a month under the ban of the law, and it was quite enough for me. I went to the Savoy and ordered very carefully a very good luncheon, and then smoked the best cigar the house could provide. But I was still feeling nervous. When I saw anybody look at me in the lounge, I grew shy, and wondered if they were thinking about the murder. After that I took a taxi and drove miles away up into North London. I walked back through fields and lines of villas and terraces and then slums and mean streets, and it took me pretty nearly two hours. All the while my restlessness was growing worse. I felt that great things, tremendous things, were happening or about to happen, and I, who was the cog-wheel of the whole business, was out of it. Royer would be landing at Dover, Sir Walter would be making plans with the few people in England who were in the secret, and somewhere in the darkness the Black Stone would be working. I felt the sense of danger and impending calamity, and I had the curious feeling, too, that I alone could avert it, alone could grapple with it. But I was out of the game now. How could it be otherwise? It was not likely that Cabinet Ministers and Admiralty Lords and Generals would admit me to their councils. I actually began to wish that I could run up against one of my three enemies. That would lead to developments. I felt that I wanted enormously to have a vulgar scrap with those gentry, where I could hit out and flatten something. I was rapidly getting into a very bad temper. I didn't feel like going back to my flat. That had to be faced some time, but as I still had sufficient money I thought I would put it off till next morning, and go to a hotel for the night. My irritation lasted through dinner, which I had at a restaurant in Jermyn Street. I was no longer hungry, and let several courses pass untasted. I drank the best part of a bottle of Burgundy, but it did nothing to cheer me. An abominable restlessness had taken possession of me. Here was I, a very ordinary fellow, with no particular brains, and yet I was convinced that somehow I was needed to help this business through - that without me it would all go to blazes. I told myself it was sheer silly conceit, that four or five of the cleverest people living, with all the might of the British Empire at their back, had the job in hand. Yet I couldn't be convinced. It seemed as if a voice kept speaking in my ear, telling me to be up and doing, or I would never sleep again. The upshot was that about half-past nine I made up my mind to go to Queen Anne's Gate. Very likely I would not be admitted, but it would ease my conscience to try. I walked down Jermyn Street, and at the corner of Duke Street passed a group of young men. They were in evening dress, had been dining somewhere, and were going on to a music-hall. One of them was Mr Marmaduke jopley. He saw me and stopped short. 'By God, the murderer!' he cried. 'Here, you fellows, hold him! That's Hannay, the man who did the Portland Place murder!' He gripped me by the arm, and the others crowded round. I wasn't looking for any trouble, but my ill-temper made me play the fool. A policeman came up, and I should have told him the truth, and, if he didn't believe it, demanded to be taken to Scotland Yard, or for that matter to the nearest police station. But a delay at that moment seemed to me unendurable, and the sight of Marmie's imbecile face was more than I could bear. I let out with my left, and had the satisfaction of seeing him measure his length in the gutter. Then began an unholy row. They were all on me at once, and the policeman took me in the rear. I got in one or two good blows, for I think, with fair play, I could have licked the lot of them, but the policeman pinned me behind, and one of them got his fingers on my throat. Through a black cloud of rage I heard the officer of the law asking what was the matter, and Marmie, between his broken teeth, declaring that I was Hannay the murderer. 'Oh, damn it all,' I cried, 'make the fellow shut up. I advise you to leave me alone, constable. Scotland Yard knows all about me, and you'll get a proper wigging if you interfere with me.' 'You've got to come along of me, young man,' said the policeman. 'I saw you strike that gentleman crool 'ard. You began it too, for he wasn't doing nothing. I seen you. Best go quietly or I'll have to fix you up.' Exasperation and an overwhelming sense that at no cost must I delay gave me the strength of a bull elephant. I fairly wrenched the constable off his feet, floored the man who was gripping my collar, and set off at my best pace down Duke Street. I heard a whistle being blown, and the rush of men behind me. I have a very fair turn of speed, and that night I had wings. In a jiffy I was in Pall Mall and had turned down towards St James's Park. I dodged the policeman at the Palace gates, dived through a press of carriages at the entrance to the Mall, and was making for the bridge before my pursuers had crossed the roadway. In the open ways of the Park I put on a spurt. Happily there were few people about and no one tried to stop me. I was staking all on getting to Queen Anne's Gate. When I entered that quiet thoroughfare it seemed deserted. Sir Walter's house was in the narrow part, and outside it three or four motor-cars were drawn up. I slackened speed some yards off and walked briskly up to the door. If the butler refused me admission, or if he even delayed to open the door, I was done. He didn't delay. I had scarcely rung before the door opened. 'I must see Sir Walter,' I panted. 'My business is desperately important.' That butler was a great man. Without moving a muscle he held the door open, and then shut it behind me. 'Sir Walter is engaged, Sir, and I have orders to admit no one. Perhaps you will wait.' The house was of the old-fashioned kind, with a wide hall and rooms on both sides of it. At the far end was an alcove with a telephone and a couple of chairs, and there the butler offered me a seat. 'See here,' I whispered. 'There's trouble about and I'm in it. But Sir Walter knows, and I'm working for him. If anyone comes and asks if I am here, tell him a lie.' He nodded, and presently there was a noise of voices in the street, and a furious ringing at the bell. I never admired a man more than that butler. He opened the door, and with a face like a graven image waited to be questioned. Then he gave them it. He told them whose house it was, and what his orders were, and simply froze them off the doorstep. I could see it all from my alcove, and it was better than any play. I hadn't waited long till there came another ring at the bell. The butler made no bones about admitting this new visitor. While he was taking off his coat I saw who it was. You couldn't open a newspaper or a magazine without seeing that face - the grey beard cut like a spade, the firm fighting mouth, the blunt square nose, and the keen blue eyes. I recognized the First Sea Lord, the man, they say, that made the new British Navy. He passed my alcove and was ushered into a room at the back of the hall. As the door opened I could hear the sound of low voices. It shut, and I was left alone again. For twenty minutes I sat there, wondering what I was to do next. I was still perfectly convinced that I was wanted, but when or how I had no notion. I kept looking at my watch, and as the time crept on to half-past ten I began to think that the conference must soon end. In a quarter of an hour Royer should be speeding along the road to Portsmouth ... Then I heard a bell ring, and the butler appeared. The door of the back room opened, and the First Sea Lord came out. He walked past me, and in passing he glanced in my direction, and for a second we looked each other in the face. Only for a second, but it was enough to make my heart jump. I had never seen the great man before, and he had never seen me. But in that fraction of time something sprang into his eyes, and that something was recognition. You can't mistake it. It is a flicker, a spark of light, a minute shade of difference which means one thing and one thing only. It came involuntarily, for in a moment it died, and he passed on. In a maze of wild fancies I heard the street door close behind him. I picked up the telephone book and looked up the number of his house. We were connected at once, and I heard a servant's voice. 'Is his Lordship at home?' I asked. 'His Lordship returned half an hour ago,' said the voice, 'and has gone to bed. He is not very well tonight. Will you leave a message, Sir?' I rang off and almost tumbled into a chair. My part in this business was not yet ended. It had been a close shave, but I had been in time. Not a moment could be lost, so I marched boldly to the door of that back room and entered without knocking. Five surprised faces looked up from a round table. There was Sir Walter, and Drew the War Minister, whom I knew from his photographs. There was a slim elderly man, who was probably Whittaker, the Admiralty official, and there was General WinStanley, conspicuous from the long scar on his forehead. Lastly, there was a short stout man with an iron-grey moustache and bushy eyebrows, who had been arrested in the middle of a sentence. Sir Walter's face showed surprise and annoyance. 'This is Mr Hannay, of whom I have spoken to you,' he said apologetically to the company. 'I'm afraid, Hannay, this visit is ill-timed.' I was getting back my coolness. 'That remains to be seen, Sir,' I said; 'but I think it may be in the nick of time. For God's sake, gentlemen, tell me who went out a minute ago?' 'Lord Alloa,' Sir Walter said, reddening with anger. 'It was not,' I cried; 'it was his living image, but it was not Lord Alloa. It was someone who recognized me, someone I have seen in the last month. He had scarcely left the doorstep when I rang up Lord Alloa's house and was told he had come in half an hour before and had gone to bed.' 'Who - who -' someone stammered. 'The Black Stone,' I cried, and I sat down in the chair so recently vacated and looked round at five badly scared gentlemen. 9. The Thirty-Nine Steps 'Nonsense!' said the official from the Admiralty. Sir Walter got up and left the room while we looked blankly at the table. He came back in ten minutes with a long face. 'I have spoken to Alloa,' he said. 'Had him out of bed - very grumpy. He went straight home after Mulross's dinner.' 'But it's madness,' broke in General Winstanley. 'Do you mean to tell me that that man came here and sat beside me for the best part of half an hour and that I didn't detect the imposture? Alloa must be out of his mind.' 'Don't you see the cleverness of it?' I said. 'You were too interested in other things to have any eyes. You took Lord Alloa for granted. If it had been anybody else you might have looked more closely, but it was natural for him to be here, and that put you all to sleep.' Then the Frenchman spoke, very slowly and in good English. 'The young man is right. His psychology is good. Our enemies have not been foolish!' He bent his wise brows on the assembly. 'I will tell you a tale,' he said. 'It happened many years ago in Senegal. I was quartered in a remote station, and to pass the time used to go fishing for big barbel in the river. A little Arab mare used to carry my luncheon basket - one of the salted dun breed you got at Timbuctoo in the old days. Well, one morning I had good sport, and the mare was unaccountably restless. I could hear her whinnying and squealing and stamping her feet, and I kept soothing her with my voice while my mind was intent on fish. I could see her all the time, as I thought, out of a corner of my eye, tethered to a tree twenty yards away. After a couple of hours I began to think of food. I collected my fish in a tarpaulin bag, and moved down the stream towards the mare, trolling my line. When I got up to her I flung the tarpaulin on her back -' He paused and looked round. 'It was the smell that gave me warning. I turned my head and found myself looking at a lion three feet off ... An old man-eater, that was the terror of the village ... What was left of the mare, a mass of blood and bones and hide, was behind him.' 'What happened?' I asked. I was enough of a hunter to know a true yarn when I heard it. 'I stuffed my fishing-rod into his jaws, and I had a pistol. Also my servants came presently with rifles. But he left his mark on me.' He held up a hand which lacked three fingers. 'Consider,' he said. 'The mare had been dead more than an hour, and the brute had been patiently watching me ever since. I never saw the kill, for I was accustomed to the mare's fretting, and I never marked her absence, for my consciousness of her was only of something tawny, and the lion filled that part. If I could blunder thus, gentlemen, in a land where men's senses are keen, why should we busy preoccupied urban folk not err also?' Sir Walter nodded. No one was ready to gainsay him. 'But I don't see,' went on Winstanley. 'Their object was to get these dispositions without our knowing it. Now it only required one of us to mention to Alloa our meeting tonight for the whole fraud to be exposed.' Sir Walter laughed dryly. 'The selection of Alloa shows their acumen. Which of us was likely to speak to him about tonight? Or was he likely to open the subject?' I remembered the First Sea Lord's reputation for taciturnity and shortness of temper. 'The one thing that puzzles me,' said the General, 'is what good his visit here would do that spy fellow? He could not carry away several pages of figures and strange names in his head.' 'That is not difficult,' the Frenchman replied. 'A good spy is trained to have a photographic memory. Like your own Macaulay. You noticed he said nothing, but went through these papers again and again. I think we may assume that he has every detail stamped on his mind. When I was younger I could do the same trick.' 'Well, I suppose there is nothing for it but to change the plans,' said Sir Walter ruefully. Whittaker was looking very glum. 'Did you tell Lord Alloa what has happened?' he asked. 'No? Well, I can't speak with absolute assurance, but I'm nearly certain we can't make any serious change unless we alter the geography of England.' 'Another thing must be said,' it was Royer who spoke. 'I talked freely when that man was here. I told something of the military plans of my Government. I was permitted to say so much. But that information would be worth many millions to our enemies. No, my friends, I see no other way. The man who came here and his confederates must be taken, and taken at once.' 'Good God,' I cried, 'and we have not a rag of a clue.' 'Besides,' said Whittaker, 'there is the post. By this time the news will be on its way.' 'No,' said the Frenchman. 'You do not understand the habits of the spy. He receives personally his reward, and he delivers personally his intelligence. We in France know something of the breed. There is still a chance, MES AMIS. These men must cross the sea, and there are ships to be searched and ports to be watched. Believe me, the need is desperate for both France and Britain.' Royer's grave good sense seemed to pull us together. He was the man of action among fumblers. But I saw no hope in any face, and I felt none. Where among the fifty millions of these islands and within a dozen hours were we to lay hands on the three cleverest rogues in Europe? Then suddenly I had an inspiration. 'Where is Scudder's book?' I cried to Sir Walter. 'Quick, man, I remember something in it.' He unlocked the door of a bureau and gave it to me. I found the place. THIRTY-NINE STEPS, I read, and again, THIRTY-NINE STEPS - I COUNTED THEM - HIGH TIDE 10.17 P.M. The Admiralty man was looking at me as if he thought I had gone mad. 'Don't you see it's a clue,' I shouted. 'Scudder knew where these fellows laired - he knew where they were going to leave the country, though he kept the name to himself. Tomorrow was the day, and it was some place where high tide was at 10.17.' 'They may have gone tonight,' someone said. 'Not they. They have their own snug secret way, and they won't be hurried. I know Germans, and they are mad about working to a plan. Where the devil can I get a book of Tide Tables?' Whittaker brightened up. 'It's a chance,' he said. 'Let's go over to the Admiralty.' We got into two of the waiting motor-cars - all but Sir Walter, who went off to Scotland Yard - to 'mobilize MacGillivray', so he said. We marched through empty corridors and big bare chambers where the charwomen were busy, till we reached a little room lined with books and maps. A resident clerk was unearthed, who presently fetched from the library the Admiralty Tide Tables. I sat at the desk and the others stood round, for somehow or other I had got charge of this expedition. It was no good. There were hundreds of entries, and so far as I could see 10.17 might cover fifty places. We had to find some way of narrowing the possibilities. I took my head in my hands and thought. There must be some way of reading this riddle. What did Scudder mean by steps? I thought of dock steps, but if he had meant that I didn't think he would have mentioned the number. It must be some place where there were several staircases, and one marked out from the others by having thirty-nine steps. Then I had a sudden thought, and hunted up all the steamer sailings. There was no boat which left for the Continent at 10.17 p.m. Why was high tide so important? If it was a harbour it must be some little place where the tide mattered, or else it was a heavy- draught boat. But there was no regular steamer sailing at that hour, and somehow I didn't think they would travel by a big boat from a regular harbour. So it must be some little harbour where the tide was important, or perhaps no harbour at all. But if it was a little port I couldn't see what the steps signified. There were no sets of staircases on any harbour that I had ever seen. It must be some place which a particular staircase identified, and where the tide was full at 10.17. On the whole it seemed to me that the place must be a bit of open coast. But the staircases kept puzzling me. Then I went back to wider considerations. Whereabouts would a man be likely to leave for Germany, a man in a hurry, who wanted a speedy and a secret passage? Not from any of the big harbours. And not from the Channel or the West Coast or Scotland, for, remember, he was starting from London. I measured the distance on the map, and tried to put myself in the enemy's shoes. I should try for Ostend or Antwerp or Rotterdam, and I should sail from somewhere on the East Coast between Cromer and Dover. All this was very loose guessing, and I don't pretend it was ingenious or scientific. I wasn't any kind of Sherlock Holmes. But I have always fancied I had a kind of instinct about questions like this. I don't know if I can explain myself, but I used to use my brains as far as they went, and after they came to a blank wall I guessed, and I usually found my guesses pretty right. So I set out all my conclusions on a bit of Admiralty paper. They ran like this: FAIRLY CERTAIN (1) Place where there are several sets of stairs; one that matters distinguished by having thirty-nine steps. (2) Full tide at 10.17 p.m. Leaving shore only possible at full tide. (3) Steps not dock steps, and so place probably not harbour. (4) No regular night steamer at 10.17. Means of transport must be tramp (unlikely), yacht, or fishing-boat. There my reasoning stopped. I made another list, which I headed 'Guessed', but I was just as sure of the one as the other. GUESSED (1) Place not harbour but open coast. (2) Boat small - trawler, yacht, or launch. (3) Place somewhere on East Coast between Cromer and Dover. it struck me as odd that I should be sitting at that desk with a Cabinet Minister, a Field-Marshal, two high Government officials, and a French General watching me, while from the scribble of a dead man I was trying to drag a secret which meant life or death for us. Sir Walter had joined us, and presently MacGillivray arrived. He had sent out instructions to watch the ports and railway stations for the three men whom I had described to Sir Walter. Not that he or anybody else thought that that would do much good. 'Here's the most I can make of it,' I said. 'We have got to find a place where there are several staircases down to the beach, one of which has thirty-nine steps. I think it's a piece of open coast with biggish cliffs, somewhere between the Wash and the Channel. Also it's a place where full tide is at 10.17 tomorrow night.' Then an idea struck me. 'Is there no Inspector of Coastguards or some fellow like that who knows the East Coast?' Whittaker said there was, and that he lived in Clapham. He went off in a car to fetch him, and the rest of us sat about the little room and talked of anything that came into our heads. I lit a pipe and went over the whole thing again till my brain grew weary. About one in the morning the coastguard man arrived. He was a fine old fellow, with the look of a naval officer, and was desperately respectful to the company. I left the War Minister to cross-examine him, for I felt he would think it cheek in me to talk. 'We want you to tell us the places you know on the East Coast where there are cliffs, and where several sets of steps run down to the beach.' He thought for a bit. 'What kind of steps do you mean, Sir? There are plenty of places with roads cut down through the cliffs, and most roads have a step or two in them. Or do you mean regular staircases - all steps, so to speak?' Sir Arthur looked towards me. 'We mean regular staircases,' I said. He reflected a minute or two. 'I don't know that I can think of any. Wait a second. There's a place in Norfolk - Brattlesham - beside a golf-course, where there are a couple of staircases, to let the gentlemen get a lost ball.' 'That's not it,' I said. 'Then there are plenty of Marine Parades, if that's what you mean. Every seaside resort has them.' I shook my head. 'It's got to be more retired than that,' I said. 'Well, gentlemen, I can't think of anywhere else. Of course, there's the Ruff -' 'What's that?' I asked. 'The big chalk headland in Kent, close to Bradgate. It's got a lot of villas on the top, and some of the houses have staircases down to a private beach. It's a very high-toned sort of place, and the residents there like to keep by themselves.' I tore open the Tide Tables and found Bradgate. High tide there was at 10.17 P.m. on the 15th of June. 'We're on the scent at last,' I cried excitedly. 'How can I find out what is the tide at the Ruff?' 'I can tell you that, Sir,' said the coastguard man. 'I once was lent a house there in this very month, and I used to go out at night to the deep-sea fishing. The tide's ten minutes before Bradgate.' I closed the book and looked round at the company. 'If one of those staircases has thirty-nine steps we have solved the mystery, gentlemen,' I said. 'I want the loan of your car, Sir Walter, and a map of the roads. If Mr MacGillivray will spare me ten minutes, I think we can prepare something for tomorrow.' It was ridiculous in me to take charge of the business like this, but they didn't seem to mind, and after all I had been in the show from the start. Besides, I was used to rough jobs, and these eminent gentlemen were too clever not to see it. It was General Royer who gave me my commission. 'I for one,' he said, 'am content to leave the matter in Mr Hannay's hands.' By half-past three I was tearing past the moonlit hedgerows of Kent, with MacGillivray's best man on the seat beside me. 10. Various Parties Converging on the Sea A pink and blue June morning found me at Bradgate looking from the Griffin Hotel over a smooth sea to the lightship on the Cock sands which seemed the size of a bell-buoy. A couple of miles farther south and much nearer the shore a small destroyer was anchored. Scaife, MacGillivray's man, who had been in the Navy, knew the boat, and told me her name and her commander's, so I sent off a wire to Sir Walter. After breakfast Scaife got from a house-agent a key for the gates of the staircases on the Ruff. I walked with him along the sands, and sat down in a nook of the cliffs while he investigated the half-dozen of them. I didn't want to be seen, but the place at this hour was quite deserted, and all the time I was on that beach I saw nothing but the sea-gulls. It took him more than an hour to do the job, and when I saw him coming towards me, conning a bit of paper, I can tell you my heart was in my mouth. Everything depended, you see, on my guess proving right. He read aloud the number of steps in the different stairs. 'Thirty- four, thirty-five, thirty-nine, forty-two, forty-seven,' and 'twenty- one' where the cliffs grew lower. I almost got up and shouted. We hurried back to the town and sent a wire to MacGillivray. I wanted half a dozen men, and I directed them to divide themselves among different specified hotels. Then Scaife set out to prospect the house at the head of the thirty-nine steps. He came back with news that both puzzled and reassured me. The house was called Trafalgar Lodge, and belonged to an old gentleman called Appleton - a retired stockbroker, the house-agent said. Mr Appleton was there a good deal in the summer time, and was in residence now - had been for the better part of a week. Scaife could pick up very little information about him, except that he was a decent old fellow, who paid his bills regularly, and was always good for a fiver for a local charity. Then Scaife seemed to have penetrated to the back door of the house, pretending he was an agent for sewing-machines. Only three servants were kept, a cook, a parlour-maid, and a housemaid, and they were just the sort that you would find in a respectable middle-class household. The cook was not the gossiping kind, and had pretty soon shut the door in his face, but Scaife said he was positive she knew nothing. Next door there was a new house building which would give good cover for observation, and the villa on the other side was to let, and its garden was rough and shrubby. I borrowed Scaife's telescope, and before lunch went for a walk along the Ruff. I kept well behind the rows of villas, and found a good observation point on the edge of the golf-course. There I had a view of the line of turf along the cliff top, with seats placed at intervals, and the little square plots, railed in and planted with bushes, whence the staircases descended to the beach. I saw Trafalgar Lodge very plainly, a red-brick villa with a veranda, a tennis lawn behind, and in front the ordinary seaside flower-garden full of marguerites and scraggy geraniums. There was a flagstaff from which an enormous Union Jack hung limply in the still air. Presently I observed someone leave the house and saunter along the cliff. When I got my glasses on him I saw it was an old man, wearing white flannel trousers, a blue serge jacket, and a straw hat. He carried field-glasses and a newspaper, and sat down on one of the iron seats and began to read. Sometimes he would lay down the paper and turn his glasses on the sea. He looked for a long time at the destroyer. I watched him for half an hour, till he got up and went back to the house for his luncheon, when I returned to the hotel for mine. I wasn't feeling very confident. This decent common-place dwelling was not what I had expected. The man might be the bald archaeologist of that horrible moorland farm, or he might not. He was exactly the kind of satisfied old bird you will find in every suburb and every holiday place. If you wanted a type of the perfectly harmless person you would probably pitch on that. But after lunch, as I sat in the hotel porch, I perked up, for I saw the thing I had hoped for and had dreaded to miss. A yacht came up from the south and dropped anchor pretty well opposite the Ruff. She seemed about a hundred and fifty tons, and I saw she belonged to the Squadron from the white ensign. So Scaife and I went down to the harbour and hired a boatman for an afternoon's fishing. I spent a warm and peaceful afternoon. We caught between us about twenty pounds of cod and lythe, and out in that dancing blue sea I took a cheerier view of things. Above the white cliffs of the Ruff I saw the green and red of the villas, and especially the great flagstaff of Trafalgar Lodge. About four o'clock, when we had fished enough, I made the boatman row us round the yacht, which lay like a delicate white bird, ready at a moment to flee. Scaife said she must be a fast boat for her build, and that she was pretty heavily engined. Her name was the ARIADNE, as I discovered from the cap of one of the men who was polishing brasswork. I spoke to him, and got an answer in the soft dialect of Essex. Another hand that came along passed me the time of day in an unmistakable English tongue. Our boatman had an argument with one of them about the weather, and for a few minutes we lay on our oars close to the starboard bow. Then the men suddenly disregarded us and bent their heads to their work as an officer came along the deck. He was a pleasant, clean-looking young fellow, and he put a question to us about our fishing in very good English. But there could be no doubt about him. His close-cropped head and the cut of his collar and tie never came out of England. That did something to reassure me, but as we rowed back to Bradgate my obstinate doubts would not be dismissed. The thing that worried me was the reflection that my enemies knew that I had got my knowledge from Scudder, and it was Scudder who had given me the clue to this place. If they knew that Scudder had this clue, would they not be certain to change their plans? Too much depended on their success for them to take any risks. The whole question was how much they understood about Scudder's knowledge. I had talked confidently last night about Germans always sticking to a scheme, but if they had any suspicions that I was on their track they would be fools not to cover it. I wondered if the man last night had seen that I recognized him. Somehow I did not think he had, and to that I had clung. But the whole business had never seemed so difficult as that afternoon when by all calculations I should have been rejoicing in assured success. In the hotel I met the commander of the destroyer, to whom Scaife introduced me, and with whom I had a few words. Then I thought I would put in an hour or two watching Trafalgar Lodge. I found a place farther up the hill, in the garden of an empty house. From there I had a full view of the court, on which two figures were having a game of tennis. One was the old man, whom I had already seen; the other was a younger fellow, wearing some club colours in the scarf round his middle. They played with tremendous zest, like two city gents who wanted hard exercise to open their pores. You couldn't conceive a more innocent spectacle. They shouted and laughed and stopped for drinks, when a maid brought out two tankards on a salver. I rubbed my eyes and asked myself if I was not the most immortal fool on earth. Mystery and darkness had hung about the men who hunted me over the Scotch moor in aeroplane and motor-car, and notably about that infernal antiquarian. It was easy enough to connect those folk with the knife that pinned Scudder to the floor, and with fell designs on the world's peace. But here were two guileless citizens taking their innocuous exercise, and soon about to go indoors to a humdrum dinner, where they would talk of market prices and the last cricket scores and the gossip of their native Surbiton. I had been making a net to catch vultures and falcons, and lo and behold! two plump thrushes had blundered into it. Presently a third figure arrived, a young man on a bicycle, with a bag of golf-clubs slung on his back. He strolled round to the tennis lawn and was welcomed riotously by the players. Evidently they were chaffing him, and their chaff sounded horribly English. Then the plump man, mopping his brow with a silk handkerchief, announced that he must have a tub. I heard his very words - 'I've got into a proper lather,' he said. 'This will bring down my weight and my handicap, Bob. I'll take you on tomorrow and give you a stroke a hole.' You couldn't find anything much more English than that. They all went into the house, and left me feeling a precious idiot. I had been barking up the wrong tree this time. These men might be acting; but if they were, where was their audience? They didn't know I was sitting thirty yards off in a rhododendron. It was simply impossible to believe that these three hearty fellows were anything but what they seemed - three ordinary, game-playing, suburban Englishmen, wearisome, if you like, but sordidly innocent. And yet there were three of them; and one was old, and one was plump, and one was lean and dark; and their house chimed in with Scudder's notes; and half a mile off was lying a steam yacht with at least one German officer. I thought of Karolides lying dead and all Europe trembling on the edge of earthquake, and the men I had left behind me in London who were waiting anxiously for the events of the next hours. There was no doubt that hell was afoot somewhere. The Black Stone had won, and if it survived this June night would bank its winnings. There seemed only one thing to do - go forward as if I had no doubts, and if I was going to make a fool of myself to do it handsomely. Never in my life have I faced a job with greater disinclination. I would rather in my then mind have walked into a den of anarchists, each with his Browning handy, or faced a charging lion with a popgun, than enter that happy home of three cheerful Englishmen and tell them that their game was up. How they would laugh at me! But suddenly I remembered a thing I once heard in Rhodesia from old Peter Pienaar. I have quoted Peter already in this narrative. He was the best scout I ever knew, and before he had turned respectable he had been pretty often on the windy side of the law, when he had been wanted badly by the authorities. Peter once discussed with me the question of disguises, and he had a theory which struck me at the time. He said, barring absolute certainties like fingerprints, mere physical traits were very little use for identification if the fugitive really knew his business. He laughed at things like dyed hair and false beards and such childish follies. The only thing that mattered was what Peter called 'atmosphere'. If a man could get into perfectly different surroundings from those in which he had been first observed, and - this is the important part - really play up to these surroundings and behave as if he had never been out of them, he would puzzle the cleverest detectives on earth. And he used to tell a story of how he once borrowed a black coat and went to church and shared the same hymn-book with the man that was looking for him. If that man had seen him in decent company before he would have recognized him; but he had only seen him snuffing the lights in a public-house with a revolver. The recollection of Peter's talk gave me the first real comfort that I had had that day. Peter had been a wise old bird, and these fellows I was after were about the pick of the aviary. What if they were playing Peter's game? A fool tries to look different: a clever man looks the same and is different. Again, there was that other maxim of Peter's which had helped me when I had been a roadman. 'If you are playing a part, you will never keep it up unless you convince yourself that you are it.' That would explain the game of tennis. Those chaps didn't need to act, they just turned a handle and passed into another life, which came as naturally to them as the first. It sounds a platitude, but Peter used to say that it was the big secret of all the famous criminals. It was now getting on for eight o'clock, and I went back and saw Scaife to give him his instructions. I arranged with him how to place his men, and then I went for a walk, for I didn't feel up to any dinner. I went round the deserted golf-course, and then to a point on the cliffs farther north beyond the line of the villas. On the little trim newly-made roads I met people in flannels coming back from tennis and the beach, and a coastguard from the wireless station, and donkeys and pierrots padding homewards. Out at sea in the blue dusk I saw lights appear on the ARIADNE and on the destroyer away to the south, and beyond the Cock sands the bigger lights of steamers making for the Thames. The whole scene was so peaceful and ordinary that I got more dashed in spirits every second. It took all my resolution to stroll towards Trafalgar Lodge about half-past nine. On the way I got a piece of solid comfort from the sight of a greyhound that was swinging along at a nursemaid's heels. He reminded me of a dog I used to have in Rhodesia, and of the time when I took him hunting with me in the Pali hills. We were after rhebok, the dun kind, and I recollected how we had followed one beast, and both he and I had clean lost it. A greyhound works by sight, and my eyes are good enough, but that buck simply leaked out of the landscape. Afterwards I found out how it managed it. Against the grey rock of the kopjes it showed no more than a crow against a thundercloud. It didn't need to run away; all it had to do was to stand still and melt into the background. Suddenly as these memories chased across my brain I thought of my present case and applied the moral. The Black Stone didn't need to bolt. They were quietly absorbed into the landscape. I was on the right track, and I jammed that down in my mind and vowed never to forget it. The last word was with Peter Pienaar. Scaife's men would be posted now, but there was no sign of a soul. The house stood as open as a market-place for anybody to observe. A three-foot railing separated it from the cliff road; the windows on the ground-floor were all open, and shaded lights and the low sound of voices revealed where the occupants were finishing dinner. Everything was as public and above-board as a charity bazaar. Feeling the greatest fool on earth, I opened the gate and rang the bell. A man of my sort, who has travelled about the world in rough places, gets on perfectly well with two classes, what you may call the upper and the lower. He understands them and they understand him. I was at home with herds and tramps and roadmen, and I was sufficiently at my ease with people like Sir Walter and the men I had met the night before. I can't explain why, but it is a fact. But what fellows like me don't understand is the great comfortable, satisfied middle-class world, the folk that live in villas and suburbs. He doesn't know how they look at things, he doesn't understand their conventions, and he is as shy of them as of a black mamba. When a trim parlour-maid opened the door, I could hardly find my voice. I asked for Mr Appleton, and was ushered in. My plan had been to walk straight into the dining-room, and by a sudden appearance wake in the men that start of recognition which would confirm my theory. But when I found myself in that neat hall the place mastered me. There were the golf-clubs and tennis-rackets, the straw hats and caps, the rows of gloves, the sheaf of walking-sticks, which you will find in ten thousand British homes. A stack of neatly folded coats and waterproofs covered the top of an old oak chest; there was a grandfather clock ticking; and some polished brass warming-pans on the walls, and a barometer, and a print of Chiltern winning the St Leger. The place was as orthodox as an Anglican church. When the maid asked me for my name I gave it automatically, and was shown into the smoking-room, on the right side of the hall. That room was even worse. I hadn't time to examine it, but I could see some framed group photographs above the mantelpiece, and I could have sworn they were English public school or college. I had only one glance, for I managed to pull myself together and go after the maid. But I was too late. She had already entered the dining-room and given my name to her master, and I had missed the chance of seeing how the three took it. When I walked into the room the old man at the head of the table had risen and turned round to meet me. He was in evening dress - a short coat and black tie, as was the other, whom I called in my own mind the plump one. The third, the dark fellow, wore a blue serge suit and a soft white collar, and the colours of some club or school. The old man's manner was perfect. 'Mr Hannay?' he said hesitatingly. 'Did you wish to see me? One moment, you fellows, and I'll rejoin you. We had better go to the smoking-room.' Though I hadn't an ounce of confidence in me, I forced myself to play the game. I pulled up a chair and sat down on it. 'I think we have met before,' I said, 'and I guess you know my business.' The light in the room was dim, but so far as I could see their faces, they played the part of mystification very well. 'Maybe, maybe,' said the old man. 'I haven't a very good memory, but I'm afraid you must tell me your errand, Sir, for I really don't know it.' 'Well, then,' I said, and all the time I seemed to myself to be talking pure foolishness - 'I have come to tell you that the game's up. I have a warrant for the arrest of you three gentlemen.' 'Arrest,' said the old man, and he looked really shocked. 'Arrest! Good God, what for?' 'For the murder of Franklin Scudder in London on the 23rd day of last month.' 'I never heard the name before,' said the old man in a dazed voice. One of the others spoke up. 'That was the Portland Place murder. I read about it. Good heavens, you must be mad, Sir! Where do you come from?' 'Scotland Yard,' I said. After that for a minute there was utter silence. The old man was staring at his plate and fumbling with a nut, the very model of innocent bewilderment. Then the plump one spoke up. He stammered a little, like a man picking his words. 'Don't get flustered, uncle,' he said. 'It is all a ridiculous mistake; but these things happen sometimes, and we can easily set it right. It won't be hard to prove our innocence. I can show that I was out of the country on the 23rd of May, and Bob was in a nursing home. You were in London, but you can explain what you were doing.' 'Right, Percy! Of course that's easy enough. The 23rd! That was the day after Agatha's wedding. Let me see. What was I doing? I came up in the morning from Woking, and lunched at the club with Charlie Symons. Then - oh yes, I dined with the Fishmongers. I remember, for the punch didn't agree with me, and I was seedy next morning. Hang it all, there's the cigar-box I brought back from the dinner.' He pointed to an object on the table, and laughed nervously. 'I think, Sir,' said the young man, addressing me respectfully, 'you will see you are mistaken. We want to assist the law like all Englishmen, and we don't want Scotland Yard to be making fools of themselves. That's so, uncle?' 'Certainly, Bob.' The old fellow seemed to be recovering his voice. 'Certainly, we'll do anything in our power to assist the authorities. But - but this is a bit too much. I can't get over it.' 'How Nellie will chuckle,' said the plump man. 'She always said that you would die of boredom because nothing ever happened to you. And now you've got it thick and strong,' and he began to laugh very pleasantly. 'By Jove, yes. just think of it! What a story to tell at the club. Really, Mr Hannay, I suppose I should be angry, to show my innocence, but it's too funny! I almost forgive you the fright you gave me! You looked so glum, I thought I might have been walking in my sleep and killing people.' It couldn't be acting, it was too confoundedly genuine. My heart went into my boots, and my first impulse was to apologize and clear out. But I told myself I must see it through, even though I was to be the laughing-stock of Britain. The light from the dinner- table candlesticks was not very good, and to cover my confusion I got up, walked to the door and switched on the electric light. The sudden glare made them blink, and I stood scanning the three faces. Well, I made nothing of it. One was old and bald, one was stout, one was dark and thin. There was nothing in their appearance to prevent them being the three who had hunted me in Scotland, but there was nothing to identify them. 1 simply can't explain why I who, as a roadman, had looked into two pairs of eyes, and as Ned Ainslie into another pair, why I, who have a good memory and reasonable powers of observation, could find no satisfaction. They seemed exactly what they professed to be, and I could not have sworn to one of them. There in that pleasant dining-room, with etchings on the walls, and a picture of an old lady in a bib above the mantelpiece, I could see nothing to connect them with the moorland desperadoes. There was a silver cigarette-box beside me, and I saw that it had been won by Percival Appleton, Esq., of the St Bede's Club, in a golf tournament. I had to keep a firm hold of Peter Pienaar to prevent myself bolting out of that house. 'Well,' said the old man politely, 'are you reassured by your scrutiny, Sir?' I couldn't find a word. 'I hope you'll find it consistent with your duty to drop this ridiculous business. I make no complaint, but you'll see how annoying it must be to respectable people.' I shook my head. 'O Lord,' said the young man. 'This is a bit too thick!' 'Do you propose to march us off to the police station?' asked the plump one. 'That might be the best way out of it, but I suppose you won't be content with the local branch. I have the right to ask to see your warrant, but I don't wish to cast any aspersions upon you. You are only doing your duty. But you'll admit it's horribly awkward. What do you propose to do?' There was nothing to do except to call in my men and have them arrested, or to confess my blunder and clear out. I felt mesmerized by the whole place, by the air of obvious innocence - not innocence merely, but frank honest bewilderment and concern in the three faces. 'Oh, Peter Pienaar,' I groaned inwardly, and for a moment I was very near damning myself for a fool and asking their pardon. 'Meantime I vote we have a game of bridge,' said the plump one. 'It will give Mr Hannay time to think over things, and you know we have been wanting a fourth player. Do you play, Sir?' I accepted as if it had been an ordinary invitation at the club. The whole business had mesmerized me. We went into the smoking-room where a card-table was set out, and I was offered things to smoke and drink. I took my place at the table in a kind of dream. The window was open and the moon was flooding the cliffs and sea with a great tide of yellow light. There was moonshine, too, in my head. The three had recovered their composure, and were talking easily - just the kind of slangy talk you will hear in any golf club-house. I must have cut a rum figure, sitting there knitting my brows with my eyes wandering. My partner was the young dark one. I play a fair hand at bridge, but I must have been rank bad that night. They saw that they had got me puzzled, and that put them more than ever at their ease. I kept looking at their faces, but they conveyed nothing to me. It was not that they looked different; they were different. I clung desperately to the words of Peter Pienaar. Then something awoke me. The old man laid down his hand to light a cigar. He didn't pick it up at once, but sat back for a moment in his chair, with his fingers tapping on his knees. It was the movement I remembered when I had stood before him in the moorland farm, with the pistols of his servants behind me. A little thing, lasting only a second, and the odds were a thousand to one that I might have had my eyes on my cards at the time and missed it. But I didn't, and, in a flash, the air seemed to clear. Some shadow lifted from my brain, and I was looking at the three men with full and absolute recognition. The clock on the mantelpiece struck ten o'clock. The three faces seemed to change before my eyes and reveal their secrets. The young one was the murderer. Now I saw cruelty and ruthlessness, where before I had only seen good-humour. His knife, I made certain, had skewered Scudder to the floor. His kind had put the bullet in Karolides. The plump man's features seemed to dislimn, and form again, as I looked at them. He hadn't a face, only a hundred masks that he could assume when he pleased. That chap must have been a superb actor. Perhaps he had been Lord Alloa of the night before; perhaps not; it didn't matter. I wondered if he was the fellow who had first tracked Scudder, and left his card on him. Scudder had said he lisped, and I could imagine how the adoption of a lisp might add terror. But the old man was the pick of the lot. He was sheer brain, icy, cool, calculating, as ruthless as a steam hammer. Now that my eyes were opened I wondered where I had seen the benevolence. His jaw was like chilled steel, and his eyes had the inhuman luminosity of a bird's. I went on playing, and every second a greater hate welled up in my heart. It almost choked me, and I couldn't answer when my partner spoke. Only a little longer could I endure their company. 'Whew! Bob! Look at the time,' said the old man. 'You'd better think about catching your train. Bob's got to go to town tonight,' he added, turning to me. The voice rang now as false as hell. I looked at the clock, and it was nearly half-past ten. 'I am afraid he must put off his journey,' I said. 'Oh, damn,' said the young man. 'I thought you had dropped that rot. I've simply got to go. You can have my address, and I'll give any security you like.' 'No,' I said, 'you must stay.' At that I think they must have realized that the game was desperate. Their only chance had been to convince me that I was playing the fool, and that had failed. But the old man spoke again. 'I'll go bail for my nephew. That ought to content you, Mr Hannay.' Was it fancy, or did I detect some halt in the smoothness of that voice? There must have been, for as I glanced at him, his eyelids fell in that hawk-like hood which fear had stamped on my memory. I blew my whistle. In an instant the lights were out. A pair of strong arms gripped me round the waist, covering the pockets in which a man might be expected to carry a pistol. 'SCHNELL, FRANZ,' cried a voice, 'DAS BOOT, DAS BOOT!' As it spoke I saw two of my fellows emerge on the moonlit lawn. The young dark man leapt for the window, was through it, and over the low fence before a hand could touch him. I grappled the old chap, and the room seemed to fill with figures. I saw the plump one collared, but my eyes were all for the out-of-doors, where Franz sped on over the road towards the railed entrance to the beach stairs. One man followed him, but he had no chance. The gate of the stairs locked behind the fugitive, and I stood staring, with my hands on the old boy's throat, for such a time as a man might take to descend those steps to the sea. Suddenly my prisoner broke from me and flung himself on the wall. There was a click as if a lever had been pulled. Then came a low rumbling far, far below the ground, and through the window I saw a cloud of chalky dust pouring out of the shaft of the stairway. Someone switched on the light. The old man was looking at me with blazing eyes. 'He is safe,' he cried. 'You cannot follow in time ... He is gone ... He has triumphed ... DER SCHWARZE STEIN IST IN DER SIEGESKRONE.' There was more in those eyes than any common triumph. They had been hooded like a bird of prey, and now they flamed with a hawk's pride. A white fanatic heat burned in them, and I realized for the first time the terrible thing I had been up against. This man was more than a spy; in his foul way he had been a patriot. As the handcuffs clinked on his wrists I said my last word to him. 'I hope Franz will bear his triumph well. I ought to tell you that the ARIADNE for the last hour has been in our hands.' Three weeks later, as all the world knows, we went to war. I joined the New Army the first week, and owing to my Matabele experience got a captain's commission straight off. But I had done my best service, I think, before I put on khaki. http://www.booktegi.eus/
Lehen partea Egunsentia heldu zen, eta eguzki berriak itsaso barearen uhinak urre-gorri karaz margotzen zituen. Arrantza-ontzi bat itsasertzetik kilometro batera palastatzen zen. Halako batean, ahotsak airea urratu zuen Janarietako Saldoari deika, eta milako kaio pilatu zen marmarka eta liskarrean janari apur bat lortzearren. Harat-honateko ohiko egun bat hasi zen. Hala izanik ere, Jon Salbatore Kaio txalupez eta hondartzez harago zebilen jardunean, ekinean. Uretik hogeita hamar metrora apaldu zituen oin zabalduak, mokoa altxatu zuen, eta hegalak bihurdura zailean eta mingarrian atxikitzen ahalegindu zen, baitezpadako saioa hegaldi pausatu baten erdiesteko. Abiadura gutxitu zuen haizea aurpegian xuxurla baino ez zela sentitu zuen arte, ahalik eta ozeanoak, behe-beherean, erabat baretua irudi izan zuen arte. Begiak txilotu zituen basati baten antzera, arnasari eutsi zion, bihurdura hura are... zentimetro bat... gehiago... bortxatuz. Lumak kiribildu zitzaizkion, trabatu zen eta erori. Kaioak, ongi jakina denez, ez dira inoiz trabatzen, ezta gelditzen ere. Eurentzat, hegaldi baten erdian gelditzea lotsagarria da, ohore-galtzea. Dena dela ere, Jon Salbatore Kaio, lotsatu barik, behin eta berriz hegalak bihurketa neketsu eta dardartsu hartan hedatzen zituenean –geldiro, geldiro, eta trabatuz behin eta berriro– ez zen edozein txori. Kaioen gehiengoari ez dio axola ikasteak, hegan egiteko beharrezkoak diren oinarrizko arauak izan ezik: otorduen eta hondartzen arteko joan-jinak, berbarako. Kaioen gehiengoarentzat, hegan egiteak ez dauka garrantzirik, jateak baizik. Kaio honi, hala ere, axola zitzaiona ez zen jatea, hegan egitea baizik. Ezer baino gehiago munduan, Jon Salbatore Kaiok hegan egitea maite zuen. Pentsatzeko modu hori, jabetu zen, ongi jabetu zenez, ez da txit egokia gainerako txorien artean ezaguna izateko. Gurasoak ere, egun osoak bakarrik iragaten zituela ikustean, desilusionatu ziren: Jonek ehundaka planeatuak egiten zituen altuera apalean, ekin eta ekin, saiakuntzan. Jon Salbatore ez zen, artean, hainbat gauzez jabetua, adibidez, ur gainean hegan egiten zuelarik –bere hego-luzeraren erdiaren baino altuera apalagoetan–, nolatan geldi zitekeen airean denbora luzaz esfortzu handirik egin gabe. Izan ere, bere planeatuak ez ziren usaiako bustialdiarekin amaitzen zangoak itsasoan pausatzerakoan, ostera, gorputzaren albo-albora era aerodinamikoan zeramatzan zango tolestuek uhara leuna uzten zuten haren gibelean. Nola nahi den ere, zangoak barnebildurik lurreratzen hasi zenean –geroago urraska-urraska hondartzetan berrikusten zuena– are gehiago desanimatu ziren gurasoak. – Zergatik, Jon, zergatik? –galdetzen zion amak–. Zergatik ez haiz gainerakoak bezala izaten ahal, Jon? Zergatik ez dituk lagatzen ur-arraseko hegalaldiak albatrosentzat edota pelikanoentzat? Zergatik ez duk jaten? Seme, luma eta hezur besterik ez haiz! – Ez dit axola hezur eta luma ez beste izateak, ama. Airean hau edo hori egiteko gauza naizenentz jakin gogo besterik ez daukat. Hori baino ez dut jakin nahi. – Beha ezak, Jon –erran zion aitak, samur antzean–. Negua hurbil diagu. Arrantza-ontzi gutxi egongo da eta laster gainaldeko arrainak hondaleetara joanak izanen dituk. Ikasi nahi baduk, ikas ezak janariaz eta berau erdiesteko moldeaz. Hegan egitearena hagitz polita da, baina ez duk planeatu bat jaten ahal. Ba al badakik? Ez ahantz jatea dela hegan egiteko arrazoia. Jonek onetsi zuen obedienteki. Ondorengo egunetan gainerako kaioak bezala jokatzen saiatu zen; benetan saiatu ere, txio egiten, arrantza-ontzi eta kaiaren inguruan Saldoarekin borrokari ekiten, arrainketa eta ogiketa bere burua habailduz. Ondorio handirik erdietsi gabe, halere. “Alferrik ari naiz”, pentsatu zuen, eta nahitara, atzetik xaxatzen zebilkion kaio zahar eta goseti bati liskartutako antxoa erortzen utzi zuen. Denbora hau guztia, hegan egiten ikasten erabil nezake. Hainbat eta hainbat dago eta, ikasteko! Denbora luze iragan barik, Jon Kaiok berriz ere itsas zabalerantz jo zuen, goseti, zoriontsu, ikasteari emana. Abiadura hartu zuen ikasgaitzat, eta aste bat jardunean iragan ostean kaio bizkorrenak baino gehiago ikasi zuen abiaduraren gorabeherez. Hirurehun metroetan ari zela, indar guztiaz hegaldaka, burua amildu zuen uhinetarantz latz eta gartsu, eta ikasi zuen zer dela-eta kaioek ez duten holakorik egiten, hots, zergatik ez duten beren burua zut erortzen uzten. Sei segundo besterik ez zuen behar izan, orduko ehun kilometrotan hegan egiteko, hegal altxatuak gehiagorako ematen ez duen abiaduran hain zuzen ere. Behin eta berriz gertatu zitzaion gauza bera. Bere trebetasuna osoki erabili arren, kasu handia eman arren, abiadura bizian zihoanean, kontrola galtzen zuen. Hirurehun metrora igo zen. Lehenik, gorantz, indar guztia erabiliz, eta segidan, burua bertikalean makurtzen gorputza zut jartzeraino. Alabaina, ezker hegala altxaturik atxikitzen saiatzen zen bakoitzean, alde horretara jirabiraka jaisten zen bortizki, eta hala berean, orekan jarraitzeko eskuineko hegala altxatzen saiatzen zenean tximista kontrolaezinak antzo amiltzen zen. Hegal hori altxatzean askoz arduratsuagoa izan beharra zeukan. Hamar aldiz saiatu zen, eta hamargarrenean, orduko ehun kilometroak gainditzean, uraren kontra joz akitzen zen. Lumak ordurako kontrolagaitz bihurtzen zitzaizkion. Urez blai, koska hegalak abiadura bizian geldo-geldoan eustean zegoela pentsatu zuen; orduko hirurogeita hamarreraino hegalei gogotik ekin –erran zion bere buruari– eta orduan, hegalak geldi-geldirik laga behar ditut. Zazpiehun metroko altueratik saiatu zen berriro bertikalean jaisten, mokoa beheiti buruz ipiniz, eta hara, orduko hirurogeita hamar kilometroak gainditu zituen momentuan, hegalei eutsi zizkien erabat zabalduta eta finkatuta. Hamar segundotan tximisten antzera zihoan, orduko ehun eta hogeitamar kilometroak gaindituta eta hegaz. Kaioen abiaduraren munduko marka erdietsi zuen Jonek. Hala eta guztiz ere, garaipenak gutxi iraun zuen. Bere bertikaltasunetik ateratzen hasi zen instantean, aurreko hondamen ikaragarri eta kontrolaezin berean amildu zen. Jakina, ondorioak, orduko ehun eta hogeita hamar kilometrotan, lehergarriak izan ziren. Jon Kaio desintegratu zen, eta harri gogorraren tankerako itsasoaren aurka jo zuen. Bere senera etorri zenean, ilunduta jada, Ilargiaren argipean eta ozeanoan abandonaturik kausitu zuen bere burua. Bere hegal narras eta zapaztoek berun lingoteak ziruditen, alta bada, ur jotzeak sorrarazten zion arrangura gaitzena. Hondalera arrastatua izateko pisutsua izatea desio izan zuen, indarge, harekin guztiarekin amaitzeko barren desio zuen. Urperatzen zen heinean, ahots ozena eta arraroa durundatu zen bere baitan. “Ez dago saihesterik. Kaio bat naiz. Izatez mugatua naiz. Hegan egitearen gainean horrenbeste ikastera behartuta banengo, nabigazio kartak nituzke burmuinik izan beharrean. Abiadura bizian hegan egitea balitz nire patua, aztore baten hegal laburrak nituzke, eta arrainak jan beharrean, saguak jango nituzke. Gure aitak arrazoia zuen. Ahantzi behar ditut zozokeria horiek. Etxerantz hegan egin behar dut, Saldoaren arrimuan, baita naizen bezalakoa izateaz pozik izan ere: kaio pobrea eta mugatua naiz”. Barne ahotsa ahituz joan ahala, haren menera makurtu zen Jon. Gauak iragan bitartean hondartza da kaioaren lekua. Une horretatik beretik kaio arrunt ez beste izatea promes egin zion bere buruari. Horrela, mundu guztia zoriontsuagoa sentituko zen. Ur ilunetik altxatu zen, ahitua, eta lehorrerantz abiatu, apal altueran, den mendreneko esfortzuaz, hegan egiteari buruz ikasi zuenaz eskertua. Bada, ez! –pentsatu zuen–. Bukatu dut izateko manera horrekin, ikasi dudan guztiarekin bukatu dut. Kaioa naiz, beste edozein kaio bat bezalakoa eta, halakoxe izaki eginen dut hegan. Horrela izanik, hogeita hamar metrora goratu zen, erresumindua, eta hegazkadak areagotu zituen ur-bazterrera arribatzearren borrokatuz. Saldoko beste edozein bat bezalakoa izateko erabakiak erosoago egoten sentiarazi zion. Engoitik ez zeukan ikastera behartzen zuen indarrari lotzeko arrazoirik, ez zen desafio gehiagorik izango, ezta porrotik ere. Pentsatzeari uzteak laketu zuen, eta hala berean hondartzako argitarantz ilunpean hegaldatzeak. “Iluntasuna!” oihu egin zuen alarmaturik ahots ahulak. “Kaioek ez dute sekula iluntasunean hegan egiten!”. Jon ez zen aditzeko ernai. “Laketgarria da”, pentsatu zuen. Ilargia eta argiak ur gainean dirdiran, iluntasunean bideska argitsuak trazatuz, den-dena hain baketsu eta baretsua... “Jaitsi, jaitsi hadi! Kaioek ez dute sekula iluntasunean hegan egiten! Iluntasunean hegaldatzeko sortua izan bahintz, hontzaren begiak hituzke! Burmuinik ukan beharrean, nabigazio kartak hituzke! Aztore baten hegal laburrak!”. Han, gauean, hogeita hamar metroko altueran, Jon Salbatore Kaiok kliska egin zuen. Bere mina, bere erabakiak aienatu ziren. “Hegal laburrak! Aztore baten hegal laburrak!”. “Horra soluzioa! Zein zozoa izan naizen! Hegal tipi bat besterik ez dut behar, ene hegaletako alde handiena tolestea, eta hegan egitea, besterik ez. Hegal laburrak!”. Itsaso beltzaren azaletik zazpiehun metrotara igo zen, heriotzan edo porrotean istant batez pentsatu gabe, hegal-aurreak gorputzaren kontra bildu zituen azkarki, daga tankerako puntta zorroztuak nasai laga zituen haizetara zabalduak, ageri-agerian, eta zut erori zen. Haizeak orroz astindu zuen bere burua, ikaragarriro. Orduko ehun kilometrora, ehun eta hogeita hamar, ehun eta laurogei eta are zaluago oraindik. Oraingoan, ehun kilometrora hegaletako tirandura ez zen antzinako ehunekoan bezain larria. Hegal punten higidura minimoaz laxatu zuen jaitsaldia gradualki, eta arrapalada bizian irten zen uhinetara buruz, kanoi bala gris baten antzo Ilargipean. Begiak haizearen kontra naretu zituen, marra txiki bitan bihurtzeraino, baita poztu ere. Orduko berrehun kilometrora! Eta kontrolpean! Bostehun metrotik zuzen beheiti abiatu beharrean, mila metrotik ekiten badiot, zenbateraino iritsiko al naiz..? Arestiko deliberoak ahantzi zituen, haize handiak harrapaturik. Ez zen bere buruari egindako promesak haustearren hobendun sentitzen. Holako promesak bizitza arrunta onartzen duten kaioentzat besterik ez dira. Bere aprendizaian perfekzioa ukitu duen batek ez dauka promes mota horren beharrik. Egunsentian Jon Kaio berriro ari zen. Mila metrotik arrantza-ontziak puntuak ziren ur bare eta urdinaren gainean, eta Janarietako Saldoa, berriz, hodei indarge eta funsgabea. Bizirik zegoen, eta doi-doi dar-dar egiten zuen pozarren, harro zegoen beldurra kontrolpean zeukalako. Orduan, inolako zeremoniarik gabe, hegal-aurreak kuzkurtu zituen, zabaldu zituen bere punta labur eta angelutsuak, eta itsasorantz zuzendu zen azkar. Bi mila metroak iragatean atzeman zuen abiadura gehiena, haizea pareta ozen taupadatsua zen, hain sendoa izan ere, ezin zuela arintasun gehiagoz abantzatu. Beheiti buruz hegan egiten zuen engoitik, zuzen-behera, orduko hirurehun eta hogei kilometrora. Tua irentsi zuen, eta hegalak abiadura horretan zabalduz gero birrinduko zela ohartu, bere burua milioi bat partikuletan zati-zati eginda ikusi zuen. Abiadura manua zen ordea, abiadura poztasuna zen, abiadura edertasun aratza zen. Hirurehun metrotan hasi zen bertikaltasunetik ateratzen, haizea berealdikoa zen, hegal puntak zirriborrotsuak eta suntsitze zorian zeramatzan, bere bidean, orduantxe, arrantza-ontzia eta kaio-piloa deseratzen eta ugaltzen ziren kometa baten arintasunez. Ezin izan zuen gelditu, oraindik ez baitzekien nola biratu abiadura horretan. Kolisioa heriotza litzateke istantean. Horiek horrela, begiak itxi zituen. Doi-doi egunsentiaren ondoren gertatu zen, Jon Salbatore Kaiok orduko hirurehun eta hemezortzi kilometrora erauzi zuen bere burua zuzenean, Janarietako Saldoaren erdi-erdian, begiak itxita, haizearen eta lumen orroek asaldatuta. Probidentziarako Kaioak bere alde izan zuen behingoarengatik, inor ez baitzen hilik gertatu. Amaieran, bere mokoak zerurantz seinalatu zuela, oraindik ere berrehun eta berrogei kilometrora burrunbatzen zuen. Hogeita hamarrera murrizterakoan eta hegalak berriz zabaltzean, arrantza-ontzia otapur bat bezain tipia zen itsasoan, mila metro beherago. Garaipena zen bere asmo bakarra. Abiadura maximoa! “Orduko hirurehun eta hogei kilometrotan kaio bat!”. Aurkitutakoa itzela zen, Saldoaren historian une handiena, une singularrena, eta une berean aro berria hasi zen Jon Kaiorentzat. Bakartasunerantz hegaldatu zen, praktikatzera, eta jarraian hiru mila metrotik hegalak tolesten lanean jardun zuen, bere zut erorketatik ateratzeko jira-moldea ediren ahal izateko. Abiadura azkarrean, hegalaren puntatik luma bakarra den mendrena higitzeak bihurgune leuna eta hedatsua sortzen zuela ohartu zen. Haatik, ikasi aitzin, abiadura horretan luma bat baino gehiago higitzen zuelarik, fusil bala baten gisara biratzen zela jabetu zen... eta horrela, airetiko akrobaziak burutu zituen mundu honetako lehendabiziko kaioa izan zen. Egun horretan ez zuen beste kaioekin betarik galdu kalakan, goiztiria iragan arte hegan egiten jarraitu zuen. Kiribilarena kausitu zuen, balantze astitsua, balantzea puntan, jaitsiera alderantzikaturik, kiribil erdia alderantzikaturik. Jon Kaio Saldora itzuli zenerako, hondartzan jadanik, iluna zen erabat. Leher eginda eta zorabiatuta zegoen. Alabaina, eta ez satisfazio gutxirekin, lurreratzeko kiribil bat egin zuen jira-biran lurra jo baino doi bat lehenago. Aurkikuntza jakinen dutelarik, pentsatu zuen, zoratuko dira. Arrantza-ontzietara geure joan-etorri astuna eta geldia egin beharrean, bizitzeko arrazoia badugu! Orain bai, orain, bizitzak badu bere zioa! Geure ezjakintasunaren gainetik goratuko gara, adimena, trebetasuna, eta perfekzioa edirenen ditugu. Libreak izanen gara! “Hegan egiten ikas dezakegu!”. Xuxurlez eta distiraz betetako agiantza-urteak zetozen. Jon lurreratu zenean, kaioak Kontseiluan bilduta zeuden, aspalditxotik bilduak bide ziren, izan ere, haren zain zeuden. – Jon Salbatore Kaio! Jar zaitez Erdian! Kaio Nagusiaren hitzak zeremonia handikoetako ahotz solemneaz entzun ziren, ozenki entzun ere. Erdian jartzeak lotsa ala ohorea adierazten zuen. Ohoreagatik Erdian Kokatzea, kaioren artean, buruzagi nabarmenak seinalatzeko modua zen. “Bai horixe! –pentsatu zuen–. Noski, Janarietako Saldoa... goiz honetan: aurkikuntza ikusi zuten! Hala ere, nik ez dut laudoriorik nahi. Ez daukat aitzindari izateko asmorik. Kausitu dudana, guztiekin partekatzea ez beste da ene nahia, gure beha dauden horizonte berriak erakustea...”, eta urrats bat eman zuen aitzina. – Jon Salbatore Kaio– erran zuen Nagusiak. – Jar zaitez Erdian, zure ahalkerako, zure gisakoen soaren pean! Hesola batez jipoitu izan bailuketen sentitu zuen. Bere belaunek dardaratzeari ekin zioten, bere lumak kopatu ziren eta belarriek burrunba egin zioten. “Erdira, ene desondrarako? Ezinezkoa da! Aurkikuntza! Ez dute ulertzen! Oker dabiltza! Oker dabiltza!” – ... bere arduragabekeria ausartarengatik –ahotsa altxatu zuen ospe handiz–, Kaio Familien tradizioa eta duintasuna bortxatzeagatik... Desohoreagatik erdiratua izateak kaioen erkidegotik at gelditzea zekarren, han Labar Urrutietan bizitza bakarti batera erbesteratua izatea. – ...egunen batean, Jon Salbatore Kaio, ikasiko duzu zein kario pagatzen den arduragabekeria. Bizitza ezezaguna eta ezagutezina da. Jateko sortuak gara, ahalik eta denbora gehien bizitzeko. Kaio batek ez dio sekula ihardesten Saldoko Kontseiluari, baina Jonek bere ahotsa entzunarazi zuen. Arduragabekeria? Anaia-arreba maiteok! –oihu egin zuen–. Nor da ideia bati jarraikitzen dion kaioa baino arduratsuagorik? Ba al dago helburu goi baten bila borrokatzen ari den kaioa baino arduratsuagorik? Mila urtetan arrainen buruak lortzearren borrokatu dugu, baina orain badaukagu bizitzeko arrazoi bat, ikasteko arrazoia, libreak... libreak izateko..! Emadazue aukera bat, utz nazazue erakuts diezazuedan kausitu dudana. Saldoak harrizkoa zirudien. – Anaia-arreben artekoa hautsi egin da–, adierazi zioten elkarri kaioek ozenki. Denak akort, modu solemnez itxi zituzten belarriak eta bizkarra eman zioten. Jon Salbatorek bakarrik igaro zituen gainerako egunak, alabaina, Labar Urrunetatik baino harantzago egin zuen hegan… Hegan eta hegan. Bakartasunean hegan egiteak ez zion urrikaririk ematen, beste kaioek hegan egitean senti zezaketen xarmari uko egiteak bai ordea; beren begien irekitzeari uko egin ziezaioten. Egunetik egunera gero eta gehiago ikasten zuen. Ikasi zuen, abiadura bizi-bizian joanez gero, zut aerodinamiko batek lagundu ziezaiokeela ozeanoaren gainaldetik hiru metrora habitatzen zen arrain bitxia eta goxoa harrapatzen: harrez gero ez zituen arrantza-ontzien beharrik, ezta ogi gogorra ere bizirik irauteko. Kostaldeko haizean barrena bidatza finkatuz, gauean, airean lo egiten ikasi zuen, egunabarretik ilunabarrera ehun eta berrogeita hamar kilometro zeharkatuz. Bere barnearen kontrol berarekin, itsastar laino lodian zehar hegan egin zuen, eta haien gainean zeru argi eta liluragarriraino igo zen... beste kaioak lurrean zetzan bitartean, laino eta euripean murgildurik. Ikasi zuen goi haizeak gainditzen lehorrean barrena, mamutxa goxoenak bere buruari oparitzen zizkiolarik. Saldo guztiarentzat erdiestea espero zuena, berarentzat lortu berria zuen; ikasi zuen hegan egiten eta ez zen damutu ordaindutako arriskuaz. Jon Salbatorek kaio baten bizitza laburraren zioak ediren zituen: asperdura, beldurra eta hira. Horiek horrela, behin horiek pentsamendutik uxatu ondoren, bizi luzea eta oparoa sumatu zuen. Ilunabarrean heldu ziren. Jon planeatzen aurkitu zuten, baketiar eta bakarti bere zeru maitean. Bere hegalen ondora alboraturiko kaioek aratz ziruditen, izarren argiaren irudiko, beren distira leuna eta lagunkoia zen gaueko zeru garaian. Alta, hegan egitean erakusten zuten trebetasuna zen horren guztiaren ederrena; beren hegalen puntak abantzatuz, Jonen hegaletatik doi-doi zentimetro batera... konstanteki. Fitsik erran gabe, Jonek aproba ipini zituen, kaio batek inoiz ez gainditutako proba. Hegalak bihurtu zituen, orduko kilometro bakar batera gutxitu zuen abiadura, abantzu geldituz. Hegazti liluragarri haiek ere berea murriztu zuten, hertsi eran. Bazekiten astitsu hegan egiten. Tolestu egin zituen hegalak, biratu zuen eta buruz beheiti bota zen orduko berrehun kilometrora. Bidaideek beren burua erortzen utzi zuten harekin batera, beheiti buruz amilduz, garbiki. Azkenean, abiadura berean, Jon bira astitsu eta bertikal bat burutuz hegaldatu zen gorantz. Berarekin egin zuten bira, irribarretsu. Hegazkada horizontala berreskuratu zuen eta isildu zen, hau erran aurretik: – Oso ongi. Nor zarete? – Zure Saldokoak gaituzu Jon, zure anaia-arrebak gara. Hitzak irmo eta naroak izan ziren – Zu gorago eramateko etorri gara, etxeraino eramateko ere. – Ez daukat etxerik! Ez eta Saldorik ere. Erbesteratua nauzue. Orain Mendi handiko Haizearen abangoardian hegan egiten dugu. Ehun metro gehiago eta ezin izanen dut gorputz zahar hau haboro altxatu. – Bai zera! Egin dezakezu, Jon. Zuk ikasi duzu eta. Etapa bat amaitu duzu eta beste bat hasteko ordua heldu zaizu. Bere bizitza guztian legez, orain ere, adimenak argitu zuen Jon Kaioren existentziaren instante hori. Arrazoia zuten. Goragotik hegaldatzeko gai sentitzen zen, etxera joateko tenorea iritsi zitzaion. Azken begietako soa luzatu zuen zerura begira, hainbat eta hainbat irakatsia zion zilarrezko lur magnifiko hari. – Prest nauzue– erran zuen azkenik. Jon Salbatore Kaiok goiti egin zuen beste bi kaio leinurutsuekin, zeru ilun eta bikainean desagertuz. Bigarren partea Orduan, hauxe dugu zerua, pentsatu zuen, eta irribarrea behartu zuen. Zerua aztertzea berean sartzear gauden momentu justuan, ez da txit adeitsua kaio batentzat. Kaio argitsu biekin Lurretik etortzean, hodeien gainetik eta erakuntza hertsian, bere gorputza haiena bezain distiratsua bihurtzen zela ikusi zuen. Egiaz, Jon Kaio berbera han zegoen, gaztea, bere urrezko begien atzealdean izan zen betikoa, betiko Jon, hala eta guztiz ere, kanpoko itxura aldatuta zeukan. Bere gorputzak kaio batek antzo sentitzen zuen, baina antzinakoarekin baino askoz libreago egiten zuen hegan. Arraioa! Esfortzuaren erdiarekin, lehenengo abiadura adina erdiesten dut, pentsatu zuen. Lurreko egun hoberenetan lortutako errendimenduaren bi halako, aise lortu ere! Bere lumek diz-diz egiten zuten, zuri dizdizari zen oraingoa, zilar xaflak bezalako hegal leunak eta perfektuak. Ohitzen eta trebatzen hasia zen beraiekin, pozik, oraingo hegal berrietan potentzia sakatuz. Orduko hirurehun eta berrogeita hamar kilometrotan bere abiadura gehiena –hegaldi horizontalean– erdiesten ari zela iruditu zitzaion. Laurehun eta hamarrean, bere ahalmenaren topera hegan egiten ari zela sentitu zuen. Oraingo gorputzarekin muga batera heltzeko parada zeukan, antzinako hegaldi horizontalean baino askoz zaluago joan arren, gainditzea biziki kostatuko litzaiokeen muga zen. Zeruan, pentsatu zuen, ez luke mugarik egon beharko. Bat-batean hodeiak bereizi ziren eta bere lagunek oihu egin zioten: – Lurreratze on, Jon –eta arrastorik utzi gabe desagertu ziren. Itsasoaren gainean hegan egiten zuen, itsasbazter koskadun bati buruz. Labar arteko arranpetan kaioren bat edo beste tira ahala ari zen karraskan. Urrun, Iparrerantz, zerumuga berberean, beste zenbaitek egiten zuten hegan. Horizonte berriak, pentsamendu berriak, galderak... Zergatik horren kaio gutxi? Paradisuak kaioz beterik egon behar luke! Eta, zer dela eta nekatu naizen supituki? Uste izatekoa zen kaioak ez direla zeruan unatu behar, ezta lo egin behar ere. Non entzuna zuen hori? Lurreko bizitzaren oroitzapen zirriborrotsua agertu zitzaion. Lurra biziki ikasi zuen tokia izan zen, prefosta, baina xehetasunak gero eta nebulosoagoak egiten zitzaizkion; janaria lortzearren egindako borroka gogoratzen zuen apur bat, baita Erbesteratu izana ere. Hondartzatik hurbil zegoen dozena kaio-multzoa agurtzera heldu zitzaion, bakar batek txintik erran gabe. Ongi-etorria jasotzen zuela sentitu zuen doi-doi, eta hura bere etxea zela. Egun paregabea izan zen berarentzat, egunsentia gogoratzen ez zueneko eguna. Hondartzan lurra hartzeko bira egin zuen, airean instant bat geldituz hegalak eragiten zituelarik, ondoren, hondarretara jaitsi zen arinki. Beste kaioek ere lurreratzeari ekin zioten, hala ere, batek ez zuen luma bakar bat higitu ere. Haizearen kontra hegaldatu ziren, beren hegal distiratsuak zabaldurik, eta gero, berak nola jakin gabe, euren lumen makurdura aldatu zuten oinak lurrean geldiro finkatzen zituzten instant berberean. Kontrol agerbide ederra izan zen, baina Jon akituta zegoen halakoak saiatzeko. Zutik, han, hondartzan, bere buruari hitz batto egiteke, loak hartu zuen. Hurrengo egunetan Jonek sumatu zuen, hemen behialako bizitzan haina ikasteko zeukala hegaldiari buruz. Diferentzia nabarmen batez. Hemen bere pentsamoldeko kaioak zeudela. Izan ere, euretako bakoitzarentzat, bizitzaren xedea perfekzioraino iristea eta berau ukitzea zen, gehien maite zuten hobezintasuna, hots: hegan egitea. Txori apartekoak ziren, guztiak, eta orenak eta orenak ematen zituzten egunean ekinean hegan, aeronautika aitzinatua saiatuz. Denbora luzaz, iraganeko mundua ahantzi zuen Jonek, leku hura non Saldoak begiak hertsirik hegan egitearen pozari uko egiten zion, kaioek hegalak soilik bazkaria aurkitu eta lortzeko erabiltzen zuten lekua. Noizetik noizera, lipar batez baino ez, baina hura oroitzen zuen. Bere irakastunarekin zegoela gogoratu zen horretaz, goiz batean, hondartzan atsedenaldi bat hartzen zuteino, hegal tolestuak jirabiraka ekinaldi bat burutu eta gero. – Non daude gaineratikoak, Rafael?– galdegin zuen isilka, honako kaio hauek karraken eta txorrotxioen ordez usatzen zuten telepatia erosoari egokitua. – Zergatik ez gaude guretariko gehiago hemen? Natorrenetik baziren... ...milaka kaio. – Bazekiat. Baieztatu zuen Rafaelek, bere burua higituz... ...eman diezazukedan arrapostu bakarra Jon; milioi batean hi batto haizela. Guretariko gehienok astitsu abantzatzen dugu. Mundu batetik bestera ia-ia berdin igaro gaituk, nondik etorri garen segituan ahazteko, norantz gindoazen kontuan edukitzeke, oraingoa orain biziz. Ohartu al zara zenbat bizialdi gurutzatu behar izan dugun lehenbiziko ideia hau geureganatzeko? Hots, Saldoan manua atzematea edota jan eta gatazkatzea baino zer edo zer gehiago badela bizitzan? Mila bizipen Jon, hamar mila! Eta gero, ehun bizipen gehiago perfekzioa deritzan zerbait badela ikasten hasi arte, eta are ehun gehiago bizitzaren helburua perfekzio hori aurkitzea eta islatzea dela konprenitzeko. Arau bera aplikatzen zioagu geure buruari orain: mundu honetan ikasi dugunaren bidez hautatzen diagu heldu zaiguna. Ez baduk deus ikasten, hurrengo mundua honen tankerakoa izango duk, berunezko zamak eta mugapen bertsuekin gainditzekoa. Hegalak zabaldu zituen aurpegia haizetara bihurtuz. – Baina hi, Jon –erran zuen–, horrenbeste ikasi huen ukaldi batez ezen ez duk mila bizialdi iragan behar izan, bizitza honetara arribatzeko. Instant batez airean zeuden berriz, gogotik ziharduten. Alderantzizko posizioan hegaldatzeko biratzen zirenean, zaila zen orduan formazioa mantentzea, Jonek bere pentsamendua alderantziz taxutu behar zuenez gero, makurdura aldatu behar zuelako bere irakastunarekin batera harmonia zintzoan aldarazten. – Saia gaitezen berriro –zioen Rafak behin eta berriz: ekin, ekin diezaiogun beste behin. – Azkenean: ederki! Eta orduan, kanpora begirako kiribildua ikasteari ekin zioten lehen aldikoz. Gau batez, gaueko hegalaldiak praktikatzen ez zituzten kaioak hondarrean geratu ziren, pentsaketan ari. Jon, bere kemen osoak lagundua, Kaio Nagusiari alboratu zitzaion, zeinaz esaten zen mundu honetatik harantzago partitzear zegoela. – Txiang... –erran zuen, amiñi bat artega. Kaio zaharrak samurki so egin zion. – Bai, ene semea? Urteek indarra galdarazi ordez, Nagusiak berea handiagotua zeukan; Saldoko edozein kaiok baino gehiago eta hobeto egin zezakeen hegan, besteek ezagutu berri zituzten abileziak menperatzen zituen. – Txiang, hau ez da egiazko zerua, ezta? Nagusiak, Argizagiaren pean irri egin zuen. – Ikasten ari haizela sumatzen diat, Jon. – Ea, zer gertatuko da orain? Nora abiatuko gara? Ez al dago zerua bezalako leku bat? – Ez, Jon, ez zegok holakorik. Zerua ez da leku bat, ezta aldi bat ere. Zerua perfektua izatean datza. Isilik gelditu zen une batez. – Hegan egiteko arin-arina haiz, ezta? – Bi... biziki maite dut abiadura– erran zuen Jonek, harriturik, baina harro-harro; Nagusia horretaz oharturik. Jon, zerua haztatzen hasiko haiz, abiadura perfektua haztatuko duan unean. Eta hori ez da orduko mila kilometrotan hegan egitea, ezta milioi batean, ezta argiak hartzen duen abiaduran ere. Edozein zenbaki xedea bilakatzen baita, eta perfekzioak ez dik xederik. Abiadura perfektua, seme maitea, bertan izatean datza. Gaztigatu gabe, begi kliska batean, Txiang ur ertzean agertu eta desagertu zen, hogei metro harantzago. Desagertu zen berriz ere, segundoko milaren batean Jonen besaburuaren ondora itzultzeko. – Nahiko jostagarria da –erran zuen. Jon liluratuta zegoen. Zeruaz galdegitea ahantzi zuen. – Nola egin duzu? Zer sentitzen da hori egitean? Noraino irits zaitezke? – Gura duan lekura eta aldira joan haiteke –erran zuen Nagusiak. Nik nahi izan dudanean eta nahi nuen tokira joan nauk. Itsasorantz begiratu zuen. – Bitxia da. Bidaiatzeko xarmarengatik perfekzioa mesprezatzen duten kaioak ez dira inora iristen, geldiro-geldiro aritzen dituk. Perfekzioa erdiesteagatik bidaiatzeaz ahazten direnak toki guztietara iristen dira, eta instantean. Oroit hadi, Jon, zerua ez da leku bat ezta sasoia ere, zeren eta lekuek eta sasoiek ezer gutxi diote. Zerua da... – Hola hegan egiten erakusten ahal didazu? Jon Kaiok dardara egiten zuen beste desafio baten konkistaren aitzinean. – Jakina, baldin eta ikastea bada hire grina. – Bai. Nahi dut. Noiz has gaitezke? – Gura baduk, oraintxe has gintezke. – Gisa horretara hegan egiten ikasi nahi dut –erran zuen Jonek, eta argi nabar batek distira egin zuen bere begietan–. Esadazu zer egin behar den. Txiang poliki mintzatu zen, kaio gazteari arretaz behatzen ziolarik. – Pentsamendua bezain agudo eta existentzia dagoen edonora hegaldatzeko –erran zuen–, arribatu haizela jakintzat jo behar duk... Txiangen ustez, sekretua zen Jonek bere burua ez ikustea preso antzo, gorputz mugatutako bat bailitzan, ehun eta lau zentimetroko hegoen luze-zabaleko gorputza, programazio errendimendu egoki bati uko eginez. Sekretua bere benetako izaera bizirik zegoela jakitea zen, izkiriatu gabeko zenbaki baten bikaintasunez, espazioaren eta denboraren edozein lekuan eta aldi berean. Jon ekin eta ekin aritu zen, egunak joan egunak jin, era basatian, egunabarretik gauerdi osteraino. Baina biziki ahalegindu arren, ez zen milimetro bat higitu ere aurkitzen zen lekutik. – Ahaztu fedea! –esaten zion Txiangek behin eta berriz–. Hik ez huen, bada, hegan egiteko federik behar, hegaldia zer den konprenitzeko baizik. Gauza berbera dugu hau. Ekin iezaiok berriro ere. Horrela, egun batez, Jon, hondartzan zutik, begiak hertsirik, bere baitarako bildurik, bat-batean eta ziztuan ulertu zuen Txiangek esandakoa. – To, egia! Kaio perfektua eta inongo mugarik gabekoa naiz! – Eta pozarren hunkitu zen. – Ondo da! –esan zuen Txiangek, haren ahotsetik tonu baikorra aireratuz. Jonek begiak ireki zituen. Nagusiarekin gelditu zen, bakarrik, arrunt bestelako hondartza batean, zuhaitzak ur-ertzera bertaraino iristen ziren, goian bi eguzki biki horik bira egiten zuten. – Azkenean ideiaz jabetu haiz –esan zuen Txiangek–, baina hire kontrola zerbait gehiago landu beharrean hago... Jon zur eta lur gelditu zen. – Non gaude? Parajeak ez zion Nagusiari aparteko zirrarik eragin, eta ezentzunarena egin zuen. – Zerua berde eta eguzkitzat izar bikoitza daukan planeta batean gaude, begi-bistan zegok. Jonek oihu pozgarri bat jaurtiki zuen, lurra utzi zuenetik adierazitako lehendabiziko soinua: – Hau egina dago! – Baia? Bistan duk, Jon. Zertan ari garen jakinez gero, ondorioak onak dira betiere. Eta orain, hire kontrolaren gaira itzuliz... Itzuli zirenean gaua zen. Beste kaioek, urrezko bere begietan so egin zioten Joni, adeitasunez, denbora luzaz plantaturik egon zenekotik desagertzen ikusi baitzuten. Haien laudorioei eutsi zien minutu eskasean. – Berria nauzue hemen. Hasi berria naiz. Ni naiz zuengandik ikasi behar duena. – Hori egia denentz galde egiten diot neure buruari, Jon –erran zuen Rafaelek, haren ondoan, zutik–. Hamar mila urteotan, ez dut ikusi hik baino ikasteko beldur gutxiago daukan kaiorik. Saldoa isil-isilik geratu zen, eta Jon aztoraturik nolabait ere. – Nahi baduk, denborarekin has gaitezke lanean –erran zuen Txiangek–, etorkizunean eta iraganean barrena hegaldatzea lortu arte. Orduan, zailena hasteko gertu izanen haiz, kolosalena, ororen olgatuena. Prest izanen haiz gora egiteko, ontasunaren eta maitasunaren esangura ulertzeko. Hilabete bat iragan zen, edo hilabete antzeko zerbait, eta Jonek agudo ikasten zuen, aiseki. Saiakuntza arruntek –eguneroko esperientzia– eskaini ziotena ikasteko azkarra izan zen beti, eta orain, Nagusi Berberaren ikasle berezia izanez, lumazko super-konputagailua ziratekeen bezala bereganatu zituen ideia berriak. Azkenik, halere, Txiang desagertu zen eguna iritsi zen. Eleketan egona zen isilean lagun haiekin guztiekin: ikasteari uko ez egiteko erregutuz behin eta berriz, praktikatzen segitu behar zutela erranez, bizitza ororen perfektua eta ikusezinezkoa den printzipioa konprenitzen ahalegintzeko. Orduan, mintzatzen zeino, haren lumak gero eta distiratsuagoak egin ziren, harik eta era hain bereiziz dirdira egiten zuteneraino, non ezein kaiok ez zion so egiten ahal. – Jon –erran zuen, eta hauek izan ziren azken hitzak–, segi ezak lanean maitasunean. Berriz ere begiratu ahal izan zutenean, Txiang desagertua zen. Egunak iragatearekin, Jon etorritako Lurrez gogoratzen zelarik, are eta harrituagoa zegoen. Jakin izan balu han orain zekienetik hamarreko bat, ehuneko batto, bizitzak beste era bateko esangura izan zezakeen! Hondarrean geldirik zegoen eta, ea han beherean kaioren bat ote legokeen haren mugak apurtzearren ahaleginetan galdetu zion bere buruari, hegalaldiaren benetako esanahia ulertzeko, txalupa batetik eroritako otapur batzuk erdiesteko behar diren hegazkadez harago. Saldoaren aitzinean egia esateagatik Erbesteraturen bat egon zitekeen, ausaz. Jonek onezko bere ikasgaiak gero eta gehiago lantzen zituelarik, amodioaren sorkura ezagutzeko gero eta gehiago ziharduenean, Lurrera itzultzeko are desio handiagoa sentitzen zuen. Zeren eta, nahiz eta lehendik bakarzale izan, Jon kaio irakastuna izateko jaioa zen, eta bere maitasuna adierazteko manera –ikusita zeukan egiaren parte bederen– berau besteekin partekatzea zen, bere kabuz egia ikusteko aukeraren zain egongo zen kaioren batekin. Rafael, pentsamenduaren erritmoaren arabera hegan egitera usatua eta gainerakoei irakastearen aldekoa, duda-mudan ari zen. – Jon, behinola Erbesteratua izan hintzen. Zergatik uste duk, hire iraganeko kaioren bat adi izango duala orain? Badakik errefrauak dioena, egia dena: “Urrun dakusan kaioa goiti ari da”. Lehenago kidetzat izan dituan kaioek karraka eginez ematen dute denbora lurrean, elkarren arteko gatazketan. Zerutik mila kilometrora zeudek. Eta hik diok, geldituta dauden lekutik zerua erakutsi nahi dieala! Jon, beha ezak! Beren hegalen puntak ikusteko gai balira behinik behin. Gera hadi hemen. Kaio heldu berriak lagundu itzak, esan behar dieana konprenitzeko aski abantzatuak dituk eta. Lipar batez isilik gelditu zen, eta hauxe erran zion: – Zer gerta zatekeen, Txiang antzinako bere munduetara itzuli izan balitz? Non egongo hintzen hi orain? Azken puntua erabakiorra zen, Rafalek arrazoi zeukan: “Urrun dakusan kaioa goiti ari da”. Jon gelditu zen eta lanari ekin zion heldu berriekin, denak azkar eta erneak ziren euren eginbeharretan. Baina gomuta zaharra itzuli zitzaion, ezin zuen bere burutik kendu Lurrean kaioren bat edo beste ikasteko asmoz egon litekeela, baita Erbesteratua zelarik Txiangen laguntza ukan izan balu zenbat gehiago jakingo lukeen orain pentsatzea ere. – Rafa, itzultzeko beharrean nagok –erran zuen azkenean–. Hire ikasleak ongi zihoazek. Are gehiago, berriekin lagun hazakete. Rafaelek hasperen sakon bat jaurtiki zuen, ika-mikan aritu izan gabe. – Ene gogoan izan haut beti, Jon –izan zen esandako guztia–. – Rafa, hau lotsa! –aurpegiratu zion Jonek–. Ez hadi kiskila izan! Zertan dihardugu egunero bada? Gure adiskidantza espazio eta denbora gaindituz gero, geure anaitasuna suntsitu eginen dugu! Alta, gainditu ezak espazioa eta Hemen bat ez beste geratuko zaiguk. Gainditu ezak denbora, eta Orain bat besterik ez zaiguk geratuko. Hemen eta Orain artean, ez ote gara noizbait ikusiko? Rafael Kaiok barre algara laxatu behar izan zuen. – Txori eroa –erran zuen xamurki–. Norbait badago Lurrean beste bati erakuts diezaiokeela nola ikusi daitekeen mila milietako urruntasunean, hi haiz Jon, Jon Salbatore Kaio. –Hondarrari so gelditu zen–: Adio Jon, lagun maitea. – Adio, Rafa. Ikusiko dugu elkar. – Horiek horrela, Jonek, pentsamenduan irudikatu zituen kaio saldo handiak iraganeko denboraren mugetan, eta bazekien jakin, aisetasun osoz, ez zela jadanik luma eta hezur bakarrik, libertatearen eta hegalaldiaren ideia perfektua baino, inolako mugapen gaberik. Pello Paulo Kaio gaztetxoa zen oraino, hala ere, bazekin ez zegoela Saldo hartan beste txori bat bera bezain bazterturik edota hain injustuki trataturik. –Bost axola diotena– pentsatu zuen kexu, eta ikusmena goibeldu zitzaion Labar Urrutirantz abiatzen zeino–. Hegan egiteak badauka bere garrantzia, ez da gauerdiko nolanahiko hegadan oinarritzen! Edozein txori-arrainek egin... egin lezakete hori! Kaio Nagusiaren inguruan biraketa ttiki bat egin jostetan, doi-doia ari, eta Erbestera kondenatua naiz amen batean. Itsuak dira, akaso? Ez al dute ikusi nahi? Ezin ote dute imajinatu erdietsiko zuten loria errealki ikasteari ekinen bagenio? Berdin dit pentsatzen dutenak. Hegaldatzea zer den agerian utziko diet, Bandidu bilakatuko naiz, hori bada euren nahikeria. Baina damuaraziko ditut... Ahotsa bere buru barnetik jalgi zen, eta eztia izanik ere, horrenbeste izutu zuen non erratu eta airean itzulipurdika amaitu zen. – Ez hadi haiekin bortitza izan, Pello Kaio. Hi egotzirik izatean, beste kaioek euren buruei baino ez dietek min egin, egun batean konturatuko dituk horretaz; egun batean hik dakusana ikusiko ditek berek ere. Lagun itzak hori konprenitzen eta izan hadi barkabera. Haren eskuin hegalaren puntatik zentimetro batera mundu honetako kaio dirdiratsuenak egiten zuen hegan, esfortzu egiteke planeatzen, luma batto higitu gabe, abantzu Pelloren abiadura maximoan. Alditxo batez kaosa nagusitu zen txori gaztearen baitan. – Zer gertatzen da? Erotu egin al naiz? Hilik ote nago? Zer da hau? Ahotsak apal eta naharo jarraiki zuen haren pentsamenduaren barnean, arrapostu bat exigituz. – Pello Paulo Kaio, hegan egin nahi al duk? – BAI, HEGAN EGIN NAHI DUT! – Pello Paulo Kaio, horrenbeste maite al duk hegan egitea ezen barkatuko dituala Saldoko kideak? Lanari lotuko al haiz, eta ikasiko al duk eta itzuliko haiz egun batean konprenitzen laguntzeko? Gezurretan aritzeak alferrik zirudien izaki trebe eta aparteko harekin, Pello Paulo oso harrotuta eta hunkitua izanagatik ere. – Bai, nahi dut –baietsi zuen apalki. – Orduan, Pello –erran zion kreatura argitsu hark, ahots xamurrean– has gaitezen Hegalaldi Horizontalarekin... Hirugarren partea Jonek ezari-ezarian jiraka ziharduen Labar Urrutietan gaindi, beha zebilen. Pello Kaio gazte bortitz hura kasik perfektua zen ikasle gisa. Azkarra zen, eta arina, eta airean bizkorra, eta baitezpadakoa zena, gaitzeko nahikaria zeukan hegan egiten ikasteko! Bazetorren hor orain, bertikaltasunetik atereaz, orroz, zirriborrotsua eta urdindua, orduko berrehun eta hogei kilometrotako abiaduran, bere irakastuna gaindituz, bolido bat bailitzan. Bat-batean, artazika hasi zuen, pikoan, zakarki, hamasei puntura ailegatu zen, bertikal eta geldiro, puntuak ahots ozenez zenbatzen zituelarik. ... bederatzi...hamar...ikusten-Jon-bukatzen-ari-za-it-aire-a-ren abiadura...hamaika... Geldialdi-perfektuak-eta-zehatzak-nahi-ditut-zeureak-bezalakoak...hamahiru...hiru-puntu-hondar-etara...egin...hamalau...aaakk! Buztanaren bihurketa arras gaizki joan zitzaion Pellori, bere sumindua eta errabia zirela kausa. Gain-buruka joan zen bizkarra emanik basati baten antzo, jaitsiera alderantzikatuan hertsi zuen bere burua, bere irakaslea zegoen nibeletik hogeita hamar metro azpitik hatsanka edo hatsestuka. – Denbora galtzen ari zara nirekin, alferrik da, Jon! Arrunt zozoa nauzu! Zakil kirten galanta! Ekin eta ekin aritu arren, ez dut sekula deus lortuko! Jon Kaiok gainbegiratu bat bota zion, baita onetsi ere. – Hain baldarki aztoratzen haizen bitartean, ziur ez duala lortuko. Pello, sarreran orduko hirurogei kilometro galdu egin duk! Emeki joan behar duk! Tinko, baina emeki. Gogoratzen al duk? Kaio gaztearen nibel berara jaitsi zen. – Saia gaitezen batera orain, erakuntzan. Aztoratzearena kontuan har ezak. Sarrera gozo eta leuna dukek, aise. Hiru hilabeteren inguruan, Jonek bazituen beste sei aprendiz gehiago, denak Erbesteratuak, kuriositateak joak hegaz egiteko modu berri horrengatik, aire garbi berriak sentitzearren. Hala izanik ere, errendimendu on batzuen erdiesteari dedikatzen ziren errazago, arrazoi ezkutuko hori ulertzeari baino. – Gutariko bakoitza Kaio Nagusiaren ideia bat da egiazkiro, libertatearen ideia mugagabe bat – erran ohi zuen Jonek hondartzan arratsaldeetan –, eta goi hegazkadaren prezisioa geure egiazko izatearen adierazpeneraino hel gaitezen urratsa da. Mugatzen gaituen oro errefusatu beharrean aurkitzen gara. Horixe dugu praktika hauen guztien zioa, goi eta apal abiaduran, akrobazia hauen... ...eta ikasleak lokartzen ziren, leher eginak, egun osoa jardun ondoren. Maite zuten praktikatzea ernegarria eta bizkorra zelako, eta ikasteko zuten gogoa eragingarria zitzaielako, gogoa ikasgairik ikasgai gehitzen zietelarik. Baina, haietako batek ez zuen oraindik ere sumatzen, ideien hegalada lumen eta haizearen hegalada bezain egiazkoa izan zitekeela, ezta Pello Paulo Kaio ere. – Zuen gorputz osorik, hegalen puntatik puntara –erranen zukeen Jonek beste behin iraganean– zeuon pentsamendu besterik ez da, ikusbera den forma batean. Eten ditzagun pentsamenduaren kateak eta gorputzaren kateak hauskorrak eginen zaizkigu. – Erranak erran, bere hitzak elezahar atseginak bailiran jasoak izaten ziren beti, eta haiek lo egiteko premia gorrian zeuden. Hilabete bat igaro baino ez zen eta Saldora itzultzeko tenorea zutela, erran zuen Jonek. – Ez gaituzu prest oraino!– erran zuen Henri Kalvin Kaiok–. Ez gara onartuak izanen! Erbesteratuak gara! Zertarako bizi, baztertuak izanen garen mundu batean? Ez dea hola? – Noranahi joateko aske gara, baita garena izateko libreak ere –ihardetsi zuen Jonek–. Hondarretik altxatu zen, Ekialderantz jiratuz, eta Saldoaren herrialderantz zuzendu. Anartean, larrialditxo bat antzeman zen ikasleengan, Saldoaren legeak ez baitzuen onesten Erbesteratuen itzulera, eta legea ez zen bortxatua izan hamar mila urtetan behin ere. Legeak gelditzeko zioen. Jonek, ostera: Abian zaitezte! Eta zegoeneko itsasoan barrena ziharduen. Ikasleak igurikatuz segitzekotan, hark berak bakarrik buru egin beharko ziokeen Saldo etsaiari. – Bon, Saldoaren partaideak ez badira, ez dugu Legea obeditzerik, ezta? –erran zuen Peiok, nahasi xamar–. Gainera, gatazka badago, hara joateko behartuta gaude. Eta horrela gertatu zen, gertatu zenez. Goiz hartan, haietako zortzi mendebaldetik azaldu ziren, diamante biko erakuntzan ia-ia hegaletako puntak elkar jotzen. Orduko berrehun eta bost kilometrora Saldo Kontseiluaren hondartzari buruz hegan egiten zuten, Jon buru izaki, Peio haren albora hegaldaka emeki-emeki; Henri Kalvin aldi berean ezkerretik ausarkiro borrokatzen. Orduan, talde osoak eskuinerantz jo zuen astiro, txori bakarra bailitzan... ...horizontaltasuna eta bertikaltasuna... txandakatuz, beren gorputzen gainean haizea orroka lagun zutelarik. – Saldoko bizitzan usu entzuten ziren txorrotxio eta garrasiak, Erbesteratuen itzulerarekin tanpez eten ziren, eta zortzi mila kaio anodinoek begi arretatsuz so egiten zieten. Zortzi txoriak –bata bestaren gibeletik– bederaka igo ziren, abilki, kiribil bat egin ondoren, bira zabal bat burutuz pausatu ziren hondarren gainean ezari-ezarian. Orduan, gertatutakoa eguneroko zeregin arrunta bailitzan, Jon Kaiok hegaldiari buruzko kritikari hasiera eman zion. – Hasteko –erran zuen, gaitzitua– bat egin momentura berant pixka bat arribatu zarete denak... Erbesteratuen etorrerak Saldoa inarrosi zuen. Txori horiek Iheslari dira! Eta itzuli bide dira! Eta hori... ... hori ez da zuzena! Kaioen harridurak Peiok aurresandakoa aienatu zuen, hau da, liskar eginkor batentzako abagunea. – Beno, ados: Erbesteratuak dira –erran zuten gaztetxoren batzuek–, baina, erran ezazue, non ikasi dute horrela hegan egiten? Abantzu oren bat iragan zuen Nagusiaren Hitza Saldo guztira hedatu zenerako: ez egin kasurik. Erbesteratu bati hitza zuzentzen diona Erbesteratua bilakatuko da. Erbesteratu bati begiratzen dionak Saldoaren Legea hausten du. Une horretatik, Jon, bizkar eta bizkar luma gris nasaik inguratu zuten, zeina, antza denez, egintza horrek ez zuen sobera hunkitu, doi-doi Kontseiluko Hondartzaren gainean atondu zituen bere ikasleak helburu gutiziatsuen lortze lanetan. Martin Kaio –oihu egin zuen, hegan egiten zueino– hegaldi astitsua ezagutzen duala diok! Proba ezak lehenik eta mintza hadi gero. Hegan egik! Eta gisa horretan, gure isil eta tipi Martin Alonso Kaio, bere kautan harriturik –bere irakastunaren pikoen eraginpean– , artista erresultatu zen hegaldi astitsuan. Haizetxo arinean, bere lumak kurbatzera erdietsi zuen gora egin artio, eragite minimoa burutu gabe, hondarretatik hodeietaraino, eta beheiti berriz ere. Gauza bera gertatu zitzaion Karlos Rolando Kaioari, zeina zortzi mila eta berrehun metroetako altueran Mendiko Haizearen Handiari buruz hegaldatu zen, zoraturik eta kontent eta hotzaz urdinduta, eta biharamunean are gorago iristeko prest. Peio Kaiok, nehork bezala akrobaziak maite zituenak, lortu zuen bere erorkera “orbel gisan” egitea, hamasei puntuetako erorketa, eta biharamunean bere lumen zuritasun paregabea erakutsiz goren punturaino ailegatu zen jirabiraka arituz, begietako so herabeen eta lehiatien artean bere eginkizunak hirukoizten zituelarik. Jon konstanteki zegoen ikasleekin, erakusten, presionatzen, gidatzen, iradokitzen. Gauaren eta hodeien eta ekaitzen aurka hegan egin zuen haiekin, hegan egiteko plazer soilarengatik, Saldoa lurrean miserableki moltsokatzen zen bitartean. Hegalaldia amaitu eta, ikasleek atsedenaldia hartzen zuten hondartzan eta hurbiletik entzuten zioten Joni. Bazeukan honek aise konprenitzen ez zituzten zenbait ideia eragabeak, baina bazeuzkan ere onak eta konprenigarriak. Pixkanaka, gauez, ikasleen inguruan beste zirkulu bat eratu zen; adi-adi eta jakinguraz zegoen kaio zirkulu bat, orduak eta orduak, ikusgura barik, ezta ikusiak izateaz, artean arturratu gabe, desagertzen zirela. Haien itzultzea gertatu eta hilabete batera, Saldoko lehendabiziko kaioak marra gurutzatu zuen, hegan egiten erakuts ziezaiola eskaka. Hura egitean, Terrence Lowell Kaio kondenatua izatera pasatu zen, Erbesteak markaturik eta Jonen zortzigarren ikaslea. Hurrengo gauean, Eztebe Lorenzo Kaio etorri zen Saldotik, kordokan, bere hegal ezkerra hondarretik arrastaka, Jonen oinetara erori arte. Lagun nazazu –erran zuen, ozta-ozta, hilzorian diren bezala mintzo– edozer baino gehiago mundu horretan, hegan egin gura dut… Hator, bada –erran zuen Jonek–, igo gaitezen, utz dezagun lurra gibelean eta has dezagun. – Esteban Kaio, hi heu izateko libre haiz, hire benetako izaera azaltzeko, hemen eta orain, inolako trabarik gabe. Kaio Nagusiaren legea duk, den Legea. – Hegan egin dezakedala, diozu? – Libre haizela esaten diat. Eta besterik gabe, Eztebe Lorenzo Kaiok hegalak zabalak zituen, esfortzu larregi egiteke gau ilunerantz altxatu zen. Bere deiadarrak –indarrak batuz eta berrehun metroetako altueratik– bere lozorrotik atera zuen Saldoa. – Hegan egin dezaket! Entzun! HEGAN EGIN DEZAKET! Egunabarrean ia mila hegazti zeunden ikasleen zirkuluaren inguruan, jakinguraz behatzen zioten Ezteberi. Ez zitzaien axola ikusiak izatea edo ez, adi-adi zeuden, Jon Kaioren hitzak konprenitu nahian. Gauza txit errazak aipatu zituen: ontsa dela kaio batek hegan egitea; libertatea izatearen beraren esentzia dela; libertatea hori eragozten duen oro eliminatu beharrean gaudela, erritual edo sineskeria izan edo edozein mugaren itxurazkoa izan ere. – Eliminatua –erran zuen ahots batek multzotasunean– Saldoaren legea izanik ere? – Egiazko lege bakarra libertatera bideratzen duena da –erran zuen Jonek–. Besterik ez. – Nola nahi duzu, zu hegaldatzen zaren modura guk egitea? –zioen beste ahots batek– . Zu berezia zara, ongi hornitua, edozein hegazti edo txori baino gehiago. – Beha ezazue zertan diren Peio, Terence, Karlos Rolando, Antton Mari! Bereziak, mardulak eta dibinoak ote dira? Ez zuek baino gehiago, ez ni baino gehiago. Ezberdintasun bakarra da, egiatan bakarra, egiazki zer diren hasi dutela konprenitzen eta praktikara eramaten saiatzen direla. Haren ikasleak, Peio salbu, asaldatu ziren. Ez ziren ohartu horixe bera egiten ari zirela. Egunik egun, areagotzen zen galdegitera zetorren multzoa: galdegitea, idolatratzea, gutxiestea… – Kaio Nagusiaren berberaren semea ez ote zaren, diote Saldoan –kontatu zion behinola Peiok Joni, Abiadura Aitzinatuari buruzko praktiken ondoren–, zu zure garaiari mila urte aitzinatua zaude, horixe da kontua. Jonek hatsa hartu zuen. Txarto ulertua izatearen ondorioa dut hau, pentsatu zuen. Deabru izendatzen dizute ala Jainko. – Zer deritzok horri, Peio? Geure garaiari aurrea hartu diogu noizbait? Isiltasun sakon baten ondoren... – Bon, hegan egiteko manera hau ikasi nahi duenaren esku izan da, hots, ediren nahi duenaren gertu. Eta horrek ez du deus ikustekorik denborarekin. Onenean, apika, modari aurrea hartu diogu, kaio gehiengoaren hegan egiteko manerari. – Zerbait bada hori –erran zuen Jonek, beheiti buruz tiratuz planeatzeko asmoz–. Hori “geure garaiari aitzina hartu diogula” erratea baino hobeto da. Aste bat doi-doi beranduago suertatu zen. Peio ikasle andana bati hegalaldiaren arauak –abiadura bizian– azaltzen entseatzen ari zen. Lau mila metrotik egindako xut bertikal batetik atera berria zen –hondartzatik zentimetro eskas batzuetara, tximist baten antzera–, txoriño bat bere lehen hegalaldian ari zen unean, bere amari deika, bere bidean planeatu zuen alditxoan justu-justu orduantxe. Istant batean, txori gazteari itzuri nahian, Peio Pablo Kaiok ezkerretara jo zuen bortizki, orduko hirurehun kilometro baino gehiagotan, eta granitozko arroka sendo baten kontra jotzen amaitu zen. Arroka beste munduetarantz irekitzen den ate erraldoia eta gogorra bailitzan suertatu zitzaion. Kolpearekin batera sentitu zuen izualdia itzela izan zen, eta itzala egin zen, ilunpean ibili zen noraezean, eta gero, zeru arraro batean galdutzat ikusi zuen bere burua, arraroa, ahazten, oroitzen, ahazten; beldurti eta triste eta damuturik; izugarri damuturik. Jon Salbatore Kaio ezagutu zuen egunean bezalaxe heldu zitzaion ahotsa. – Arazoa, Peio, geure mugak egonarriz eta ordenan gainditzean datza. Gure programan ez gara arroketan zehar gurutzatzen entseatzen hain goizik. – Jon! –Kaio nagusiaren semea bezala deitua ere bai– erran zuen irakastunak, lazki. – Zer ari zara hemen? Arroka hori! Ez nago... ez nintzen... hila? – Tira Peio, aski duk. Pentsa ezak. Nirekin mintzatzen ari bahaiz orain, begi-bistan dago ez haizela hilik, ez dea horrela? Hire kontzientzia maila aldatzea lortu duk, supituki gainera. Orain hautatzea dagokik. Geldi haiteke hemen eta maila honetan ikasi –eta jakinen gainean egon hadin, utzitakoa baino altuago samarra duk–, edo itzuli eta Saldoan lanean jarraitu. Nagusiak irrikitzen zeudean honako hondamendi hau ikusteko eta haien gustua hain goxo egitean zeharo harrituak utzi dituk. – Bistan da nahi dudala Saldora itzuli. Talde berriarekin orain hasia nauzu! – Oso ondo, Peio. Norberaren gorputza ez dela pentsamendu aratza baino esaten genuen, oroitzen al haiz? Peiok burua inarrosi zuen, hegalak zabaldu zituen, begiak ireki, eta arrokaren oinean aurkitu zen, han bildutako Saldo guztiaren erdian. Higitzen hasi zenean, hots handiko txilioak eta deiadarrak jalgi ziren multzotasunetik. – Bizi da! Hilik suertatu zenak bizirik jarraitzen du! – Hegalaren puntarekin ukitu zuen! Birbiztu zuen! Kaio Nagusiaren Semea! – Ez! Berak ukatzen du! Deabru bat da! DEABRUA! Saldoa deuseztatzera jin zaigu! Lau mila kaio bazeuden multzotasunean, gertatutakoak ikaratuak, eta DEABRUA! garrasia enbata haizea bailitzan gurutzatu zen haien artean. Aurreratzeari ekin zioten, suntsitzeko asmoz, mokoak zorroztuak eta begiak distiratsu zeramatzatela. – Peio, eta abiatuko bagina, ez zaik hobe iruditzen? Galdetu egin zuen Jonek. – Bon, nik ez nituzke oztoporik ipiniko baldin eta… Istantean kilometro bat harantzago topo egin zuten, Saldoaren moko harrabotsak hutsean itotzen zihoazela. Zergatik izanen da –bere buruari galdegin zion Jonek, kontrariaturik– ez dagoela ezer baino zailagoa mundu honetan, txori bati libre dela konbentzitzea baino? Eta areago oraindik, bere kautan froga lezakeena noiz edo behin praktikatzeari ekinen balio? Horren zaila ote da? Peioren begiek, lekuz aldaketa zela eta, ñir-ñir egiten zuten oraino. – Zer egin duzu orain? Nola iritsi zara honaino? – Multzotik aldendu nahi huela erran huen, ezta? – Bai! Baina, nola egin? – Jardunean Peio, dena bezala, ariz ikasten duk. Biharamunean, Saldoak ahantzia zuen bere zorotasuna, Peiok ez ordea. – Jon, gogoan duzu aspaldian erran zenuena? Saldoa askietsi behar genuela, harengana itzultzeko haina eta ikasten laguntzeko? – Jakina. – Bada, ez dakit nola estima eta maita dezakezu zu hiltzen entseatzen ari den txori andana hori. – Tira, Peio! Hik maite duana ez da hori. Ez ditiagu gorrotoa eta gaizkia maitatu behar. Halarik ere, ekinaren ekinez benetako kaioa ikustera helduko haiz, bakoitzarengan dagoen ongia ikustera eta haiek hik bezala senti dezaten lagunduko diezu. Amodioaz mintzatzean horixe adierazi nahi diat. Atseginez hartuz gero, txit erakargarria duk. Gogoratzen dit, adibidez, txori urguilutsu bat, Peio Pablo Kaio zeritzana. Erbesteratu berria, Saldoaren aurka borrokatzen bizia uzteko prest. Hasia zuen jadanik bere infernua eta mikatza eraikitzen Labar Urrutietan. Hala ere, hementxe dugu orain, bere zerua eraikitzen eta Saldo guztia norabide berean gidatzen. – Ni, gidari? Nik gidatzen, erran nahi duzu? Zu zara irakastuna hemen. Zu ez zara joaten ahal! – A, ez? Zer uste duk, ez direla beste Saldoak, beste Peio batzuk, honez gero argiaren bidean doan saldo hau baino premiatsuagoak direnak irakastun batena? Ni? Jon, kaio sinple bat nauzu, eta zu zara… …Kaio Nagusiaren Seme bakarra, jakina? Jonek itsasorantz begiratu zuen, zizpuruka – Ez nauk dagoeneko behar. Hire buruaren xerka jarraitu beharra daukak, amiñi bat haboro egunez egun, Peio Kaio mugagabe eta benetako hori. Bera duk irakastun bakarra. Bere burua endelegatu beharrean hago, eta praktikara eraman… Aldiunetxo bat beranduago Jonen gorputzak dardarikatu zuen, dirdiratsu, gardentasunak emaro gailentzen zuelarik. – Ez utz entzun daitezen zurrumurru leloak nire buruz, edo Jainkotu nazaten utzi ere ez. Ados, Pello? Kaioa naiz. Eta menturaz… hegan egiteak zoratzen naik. – JON! – Gaixo, Pello. Ez duk hire begiek islatzen dutena sinetsi behar. Mugak ez beste erakusten dituzte. Hire endelegamenduarekin so egin ezak, dagoeneko dakiana idoro ezak, eta hegan egiteko era kausituko duk. Zohardia itzali egin zen. Jon Kaio airean aienatu zen. Denboraldi bat iragan eta, Peio Kaiok bere burua espazioa gainditzen behartu zuen, eta ikasle andana berri batekin oldartu zen, bere lehen ikasgaia hasteko gutiziatuak. – Hasteko –erran zuen bihozminez–, kaioa libertatearen ideia mugagabea dela konprenitu beharrean zarete, zuen gorputz osoa, hegal puntatik puntara, zeuen pentsamendua baino ez da. Gazteek harriduraz elkar begiratu zuten. To! Pentsatu zuten, ez dirudi hori arau on bat kiribil bat burutzeko. Pellok zizpuratu zuen eta berriz hasi zen. – Atx!... ea… biziki ontsa– erran zuen, eta zorrozki so egin zien. – Hegaldi Horizontalekin has gaitezen. Eta entseatzen, bat-batean konprenitu zuen, egiazkiro, bere laguna ez zela Pello berbera baino dibinoagoa izan. – Ez dea mugarik, Jon?– pentsatu zuen. Bon, zure hondartzan agertuko naizen eguna iritsiko da, eta hegalaldiari buruzko gauza pare bat erakutsiko dizut! Eta nahiz eta ikasleen aitzinean borondate onez azaldu nahi zuen, Pello Kaiok zinez eta benaz ziren bezalakoak ikusi zituen, momentutxo batez, atsegin zuena baino gehiago ikusi zuena maitatu egin zuen. Ez al dago mugarik, Jon?, pentsatu zuen, eta irri egin zuen. Aprendizgorantz bere arineketaldia hasia zen. AMAIERA Badago bere arau propioei kasu egiten diena seguru sentitzen baita, (bizi delako) plazer berezia kausitzen duena zerbait ongi egitean; badago bere begiek ikusten baino zerbait gehiago hautematen duena; badago jan eta erosi baino Hegan egitea nahiago duena; horiek guztiek adiskidantza iraunkorra eginen dute Jon Salbatore Kaiorekin. Izanen dira baita ere, Jon Kaiorekin leku xarmant eta toki arriskutsuetatik –askatasun argitsukoak– hegaldatuko direnak. Bai batzuek bai besteek sekula ahantziko ez duten esperientzia biziko dute.
booktegi.eus IBAN ZALDUA ispiluarena [Ipuin hau Literaturia 2017ko “Literatura, ispilu ala leiho?” solasaldirako prestatu zuen Iban Zalduak; emanaldian, orobat, Miren Gorrotxategik parte hartu zuen, eta, gidari bezala, Mikel Ayerbe kritikariak] Ispiluarena Etxean bainugela bakar bat izateak nerabeei buruzko informazio asko jasotzeko aukera ematen du; baten ordez etxean bi izan bagenitu, nekez jakingo nukeen gure alabak horrenbeste denbora ematen duela ispiluaren aurrean. Lauzpabost alditan, barruan inor ote zegoen ohartu gabe atea zabaldu eta, berak oihu batean handik bota aurretik, zer egiten ari zen ikusi ahal izan nuen; izan ere, sekula ez nuen harrapatu komunean eserita edo egoera “larriren” batean, ispilura begira baizik, ilea atontzen edo hazpegiak xeheki ikertzen. Atarian daukagun gorputz osokoan ere maiz aurkitzen dut bere burua aztertzen, kalera irten aurreko une labur edo luzatuetan. Nerabezaroko apetak terribleak izan daitezke, bai. “Guk gaztetan ez genuen ispiluarekiko grina hori, ezta?”, komentatzen diot emazteari, eta berak sorbaldak goratzen ditu arinki, honako hau adierazi nahian: “Irudiaren gorazarrearen eta selfiearen aroko gizarte nartzisistaren egotismorako jite saihestezinaren keriak barruraino dauzkagu etxean sartuta”. Edo oso antzeko zerbait, nire andreak abilezia hori baitu, keinu bakar batez asko esatekoa. “Orain pena ematen dit ispilu guztiak garaiz kendu ez izanak, etxe honetara etorri ginenean”, esan diot emazteari, gaia atera den beste batean, eta berak begiak eta bekainak eskuin aldera goratu ditu pixka bat, esanez bezala: “Beti geroko gerotan geratzen zara, eta inportanteak diren gauzak ez dituzu sekula garaiz burutzen”. Eta nik erantzun diezaioket nekez jakin genezakeela alaba horrelakoa aterako zitzaigunik, eta, edonola ere, auskalo nola hartuko zuketen etxejabeek halako erabaki bat; azken finean pisua altzariekin alokatu ziguten eta agian haserretu zitezkeen ganbarara gauza gehiago igo izan bagenitu. Emazteak besoak gurutzatu ditu hori entzundakoan, eta nik zehazki interpretatu dut adierazi nahi izan didana: “Gurutzeekin eta iruditeria erlijioso guztiarekin horixe egin genuen ba. Gertatzen dena da alfer bat zarela”. Alabarekin hitz egin beharko dugu, edo, hobeto esanda, nik hitz egin beharko dut, ni naizenez, gauzak behar denean ez egiteagatik, egungo egoeraren balizko erantzulea, nire andreak oraintxe bertan azpimarratu duen bezala, bere eskuineko eskuko hatz erakuslearekin nigana seinalatuz. Zeren eta baztertuta baitago ispiluak bat-batean kentzearena: emazteak familia-komunikazioaren garrantziaren inguruan teoria sendoak ditu, eta gauzak elkarrizketaren bidez konpontzen direla uste du, are nerabeen kontuak ere, edo horiek bereziki. “Baina nola ulertaraziko diogu”, galdetu diot nik, “ispilura begira eta begira aritzeagatik, ahalegin guztiak eginda ere, ez duela sekula bere irudia han azaleratuko? Inoiz ez duela gure endako inork bere irudia ispilu batean islatuta ikusi, gizaldi eta gizaldietan zehar?”. Erosketako poltsa astindu du emazteak, aditzera emanez astia izango dudala pentsatzeko zer esango diodan alabari, bera odol-bankura jaisten den bitartean. “Ez hartu hainbeste plasma-poltsa”, abisatu diot, “alaba kokoteraino dago gauero hori edukitzeaz afaltzeko. Eta ea AB negatibokoren bat prezio onean eskuratu dezakezun; batzuetan eskaintzak egoten dira. Pixka bat aldatzearren, badakizu”.
GONZALO ETXAGUE literatura merkea eta beste ipuin batzuk GONZALO ETXAGUE (Madril, 1973). Madrilen jaio eta zuzenbidea ikasi arren, bada urte mordoa Donostian euskara erakasten duela. Bere esanetan, abokatua izatea edo euskara irakaslea izatea ez dira hain ezberdinak: “bi kasuetan egia ezkutatu behar diozu bezeroari; ezin diozu esan kostu ikaragarriaren ondoren agian ez duela ezer lortuko. Bezeroa joango litzateke, ziur aski, egia osorik kontatzen ez dion beste abokatu edo irakasle batengana. Beraz, hori isildu eta animoak baino ez dizkiozu ematen”. Madrilgo Euskal Etxean hasi zen, eta garai hartan idatzi zuen lehen eta azken eleberria: Ahots Bilduma (Alberdania, 2003). “Literatura idaztea ere gezurra esateko beste bide bat da, baina dotorea eta begirunez ikusia. Horregatik, lasai aitortu dezakezu gezurretan ari zarela. Literaturan egia mozorrotzea, ordea, ez dago hain ondo ikusia. Irudimen falta leporatu ohi zaio egileari”. 2003 urtean Gabriel Aresti saria irabazi zuen “Bost Salakot” ipuinarekin. 2009an sariketa berbereko accesita eman zioten “John Ferreiraren kasua” ipuinarekin. Harremanetarako: gontzalet@gmail.com AURKIBIDEA Hitzaurrea: Ezkutuko osagaien sugarra Alokairuan Errepidean Literatura merkea – John Ferreiraren kasua Basoan topatu zuten gizona Bost Salakot Lagun(-)mina Izen-lapurra Galdeketa Hitzaurrea: Ezkutuko osagaien sugarra Saltokietako apaletan, elikagai batzuk nabarmentzen dira aldi baterako. Eskaintzaren, kalitatearen, prezioaren edo kontsumo ohituren arabera heltzen dira leku ikusgarrienetara, erosleek edo bezeroek produktu horiek eskuratu eta kontsumitu ditzaten, zirkulua elikatuz. Badira beste elikagai batzuk, ordea, aldi baterako sustapen eta eskaintzarik gabe egiten dutenak bidea, iraunkorki. Marka zurikoak dira asko. Merkeenak askotan. Baina baita kontsumitzaile fidelenak dituztenak ere. Banillazko flan zehatz hau nahi duzu. Beste markaren bati falta zaion osagairen bat izango du. Beste inon aurkitzen ez duzun kolorantea, osagaia edo auskalo zer zenbakidun E- horietakoren bat. Ez eskatu zehazki zergatik den azaltzeko. Sukaldean edo mahaian hasiko zaizkizu ingurukoak bestea hobea dela esanez, naturalagoa, kalitate handiagokoa, ederragoa eta abar. Alferrik. Ez zaituzte konbentzituko. Ez diozu uko egin nahi arrazionalki azaltzen zaila den plazer horri. Besteengandik bereizten duen ezkutuko osagai horren gutiziari. Antzekoa gertatuko zaizu Gonzalo Etxagueren liburu honetako orrialdeetan aurrera egin ahala. Literatura merkea eta beste ipuin batzuk irakurriko dituzula iragarriko dizu izenburuak. Baina berehala ohartuko zara literatura merkeak arrastoa utziko dizula egunerokoan. Baduela bereziki gustukoa duzun osagairen bat. Orokortasunetik aldentzean eta begirada zerbait zehatzaren ingurura ekartzean literaturak sortzen duen sugarra da. Ia oharkabean egingo duzu aurrera orrialdeetan barrena, baina gero, eguneroko kontuetan agertuko zaizkizu Etxagueren mikroskopiotik pasatu diren elementuak. Hozkailuan ikusiko duzun actimel bat, tabernan beste norbaitek eskuetan duen zure egunkaria, oharkabean handitzen ari zaizun paranoia, eta antzeko hainbat kontu. Atzo edo pasa den astean irakurri zenuen ipuina etorriko zaizu gogora orduan, behin eta berriro, elementu horietakoren bat agertzen zaizun bakoitzean. Horrez gain, matriuska moduko liburua ere bada honakoa. Hari bat bestearekin, ipuin bat hurrengoarekin, edota protagonista bat bestearekin lotzen du egileak. Matriuskaren panpin bakoitza autonomoa da, edo independentea, baina badu kolorean, diseinuan, estiloan, gainerako panpinekin lotzen duen zerbait. Matriuska guztietan bezala, gainera, jolasa eta misterioa osagai garrantzitsuak dira liburu honetan. Zehatzago eta luzeago aritu gaitezke jolasaren eta misterioaren ingurukoez, baina atseginagoa izango da bakoitzak bere gustuko osagaia aurkitzea. Hemendik aurrera, zure kontu matriuska eskuetan hartzea eta panpinekin gozatzea. Gari Berasaluze Alokairuan Unairen seigarren urtebetetzearen bezperan, goiz-goizean, sesioa izan du Martxelok Igonerekin, etxe berriko sukalde berrian gosaltzen ari direla. Aste batzuk dira hara joan direla bizitzera, eta ia egunero egin dute talka, beti ere huskeriaren bat tarteko; casus belli, gaur, ea Unaik Actimela hartua ote duen; handik auto berrira egin dute jauzi, etxearekin batera autoa ere erosi baitzuten, Renault bat, Mégane Berlina. —...agian ez genuen erosi behar —erantzun dio Martxelok Igoneri. —Itxoiteko esan nizun. —Baina zeuk erosi nahi zenuen, ez nik! —Utziko dugu, mesedez. Astelehena da, horixe duzu kontua —eskatu dio Igonek, agindu, eta kafea bukatu gabe joan da hortzak garbitzera. Atzo, ordea, ondo ibiliak ziren, oso ondo. Iganderoko ohitura berreskuratu eta aspaldiko partez joan ziren zinemara hiru dimentsioko pelikula estatubatuar bat ikustera, marrazki bizidunak, barregarria oso, eta aldarte onez itzuli ziren etxera, aldarte onez oheratu ziren eta aldarte onez altxatu dira; Martxelo lehenago, gosaria prestatzeko. Unairen gelaren ondotik pasatzean altxatzeko esan dio gozo, gelako atetik burua ageri, eta astelehena bada ere, semeak zintzo bete du agindua, nagiak gehiegikeriaz ateratzen. —Zein ondo egin dudan lo ohe berrian, aita! —Pozten naiz —esan dio aitak, eta sukalderaino jarraitu du kartoizko kutxa oraindik hustu gabeek estututako pasillotik, parket ez omen den wengé egurrezko lurzoru iluna samurtasunez zapalduz, gotelezkoak ez omen diren horma gris argiak ukituko ote dituen beldur—. Gaur soinketa duzu, Unai. —Bai, aita. Unai ohetik salto batez jaiki da eta tiradera gorrira joan da korrika Pirritx eta Porrotx agurtzera. Kaliforniako dortokak dira Pirritx eta Porrotx. Semeari ez dio esan, adibidez, hainbeste kostatu zen demontrezko ohe hari ezin zaiola gutxiagorik eskatu, atsedena ziurta dezala baino ez; edo ez dio esan, esaterako, berak hamalau urte izan arte, hau da, amona hil zen arte, egongelako ohe tolesgarri batean egin behar izan zuela lo. Horiek ohea erostean pentsatu zituen, Barakaldoko IKEAn, hasierako asmoz beste eginda Igone Astigarragako altzari dendako ohe garestiagoa erosten tematu zenean. Esan zitzakeenak, baina ez goiz hartan, aldarte onez altxatu baita. Igone ere bai: —Kaixo maitia —ezin goxoago agurtu du Martxelo, sukaldeko ate zuloan bermaturik, txabusinan bilduta, dutxatik atera berria, xaboiaren usain epela eta kafearen lurrina lehian—. Kafe hori niretzat? —Hiretzat propio, berezia. Eta halaxe ibili dira tarte batez, esne mamitan, telebistako iragarkietako familia zoriontsuen antzera, etxetresnarik modernoenek bedeinkatutako sukalde lurzoru gris ilun altzari gorrian bizitza arruntaz gozatzen, harik eta Martxelok semeari ea Actimela hartua ote duen galdetu dion arte. —Ez dut nahi —erantzun du petral semeak. —Bada, hartu behar duzu. Artean ere, onez onean erantzun dio aitak semeari. Actimela hozkailutik hartzeko jaiki denean hasperen isila baino ez du egin. —Nazkagarria da —kexatu da Unai purrustaka aitaren tema ikusita. Martxelok Colacaoz beteriko katiluaren ondoan jarri dio irmo Actimel ontzia. —Ez da nazkagarria; oso ona da zuretzat, gero ez gaixotzeko. Orduan sartu da Igone tartean, baina Martxeloren aurka egiteko, betidanik Actimelen kontua paranoia hutsa iruditu zaiolako, beharrezkoa ez den produktu bati egunero atxikitzeko beste trikimailu komertzial bat, segurtasunean oinarrituriko ustezko zoriontasuna aseguratu nahian. Bere onetik ateratzen du, gainera, iragarkietan beti zein beti ama kezkatuak agertzeak, aita paranoikorik egongo ez balitz bezala. —Zuk uste duzu onak direla? Orain esaten dute gehiegi hartzea txarra izan daitekeela. Eta kafeari zurrupada lapurtu dio, lasai asko, ziur esandakoaz, senarraren flotazio-marrara bidalitako torpedoaren norabidea zaindu beharrik gabe. —Izango ez dira onak, ba! Esaten da, esaten da... Nork esaten du hori? —asaldatu da Martxelo, nahi baino erretxinago, zakarrago, zaunka baten moduan. Igonek katiluaren barnean kikildu du begirada. Senarraren erreakzioak harritu egin du. —Ez dakit, adituek. Ikerketak egin dituzte, Ingalaterran edo... Orain esaten dute gorputzari gehiegizko defentsak ematen badizkiozu, gero alfertu egiten dela, ez duela berezko defentsarik sortzen. Horregatik omen dago gero eta alergia gehiago. Argudioak zer erantzun utzi du Martxelo une batez. Sendoa da, aditu batek aldarrikatzeko modukoa, eztabaida bertan behera uzteko modukoa ere bai, baldin eta gaia Actimelen egokitasuna izan balitz. Baina Martxelo minduta sentitu da Unairen aurrean zalantzan jarri duelako, autoritatea kendu diolako tontakeria baten harira. Eta imintzioka hasi da —Orain zu ere hasi behar duzu txertoen kontra? Batzuek esaten dute orain elgorria pasatzea ere ona dela! —Nik ez dut horrelakorik esan, Martxelo... —Txarrak gripeak eta pandemiak dira, eta geuk ere hartu beharko genuke —esan du atzera hozkailura. Handik beste Actimel bat hartu eta edaten hasi da. Egia zor, ez da oso gozoa. —Aita, zer dira pademiak? Igone burua ezker-eskuin astintzen hasi da, irribarrez, ahoaren aurreko katiluaren babesa utzi gabe, hain zuzen ere, senarraren burugogorkeria salatzeko erabili ohi duen keinuaz. Esango du berea gero, eta azken hitzarekin batera burua gehiegikeriaz jasoko du, kokotsaz sabaia jo nahiko balu bezala: —Bai, bai, Martxelo. Negozio ederra egin behar dute zure paranoien kontura. —Zer dira pademiak, aita? Martxelok Actimela edateari utzi dio: —Hori bestelakoa da, Igone... —Aita, zer dira pademiak? Mahaitik kikara hartu eta zurruta batez bukatu du kafea harraskara ahalik eta azkarren joateko. Oraindik Actimelaren zaporea dauka ahoan. —Nire paranoiak erosteko dirurik ez, baina... —hasi da marmarrean, ontzia ur azpitik pasatu bitartean. Eta Igonek bukatu du esaldia: —Baina zer? Autoa? Berriro duzu hori? —Ba, zeuk aipatu duzu. Agian ez genuen erosi behar. —Itxoiteko esan nizun. —Baina zeuk erosi nahi zenuen, ez nik! —sumindu da Martxelo. —Utziko dugu, mesedez. Astelehena da, horixe duzu kontua. Actimelaren aitzakian, horrelaxe hasi da eztabaida gaur; zibilizatua, nolanahi ere, eta laburra oso, ez aurrekoren bat bezalakoa, baina ez gogo faltagatik, aurrean Unai gizajoa zegoelako baizik, urtebetetzearen bezperan, gainera. Bihar sei urte egingo ditu. Ikaskideei litxarreriaz beteriko poltsatxo bana oparituko die. Behar bezala ospatzeko, larunbatera arte itxaron beharko du. Eta pandemiak zer diren jakiteko ere itxaron beharko du. Sansinenea kaleko alokairuan bizi ziren lehen, Errenteriaren alde zaharrean, gotelezko pasillo zuzen baten alboetan banatzen ziren bost gelatan: sarreratik eskuinaldean, egongela eta logela, kale aldera; ezkerraldean —barruko patioaren inguruan “u” bat osatzen—, sukaldea, gela txiki bat eta bainugela; guztira, hirurogei metro karratu parket zahar zartatuaren gainean. Egongelako ateko kristal horia bereziki gorrotatzen zuen Igonek, deprimenteegia, berez deprimentea omen zen etxe hartan. Ezin zuen ulertu nola jarri ziren inoiz boladan kristal haiek. Martxelo, ordea, gustura sentitzen zen han, edo ez zion garrantzirik ematen. Gela txikian lan-txokoa zeukan, garai hartan artean sortu nahi zuen informatika enpresaren hastapena. Baina semearen etorrerarekin enpresako aktibo bakarrak pasilloaren bukaera itsura eraman behar izan zituen: Mac ordenagailua, inprimagailua, asto parea eta haien gainean jartzen zuen ohola. Ordura arte han egondako arasari egongelan egin zioten txoko, telebistaren azpian. Lanaren aitzakian han esertzen zenean —Google-ri ere interesatuko omen zitzaion programa misteriotsu bat diseinatzen ari zen—, Igoneren kexu etsiak entzuten zituen sarri: bainugelarako sarrera-irteera oztopatzen zuela, inprimagailuaren zaratak Unai iratzartzen zuela edo, besterik bururatzen ez zitzaionean, ordenagailua beti piztuta edukitzeak argindar asko xahutzen zuela; antza, arrazoi haiexengatik kexu, baina noiz edo noiz, ez ote zuen Martxelok gaizki ulertuko benetako arrazoia, diruaren kontua ateratzen zuen, ea noiz emango zuen etekinik zorioneko programa hark. Azkenean, amore eman zuen Martxelok. Lagun baten bidez eskainitako lan “serio” eta ondo ordaindua onartu zuen, aisialdian programarekin jarraitu ahal izango zuelakoan. Halaxe hasi zen egiten, gero eta kemen gutxiagorekin, halere. Zortzi eta erdiak jota etxeraturik, afaldu eta betazalak erori arte logelako telebista gurtzeko beste ezertarako gogorik ez zeukan, Unaik uzten bazion, noski. Gainera, bolada hartan Igonek bereganatu zuen ordenagailua: etxeko atea ireki eta pasilloaren amaieran eserita aurkitu ohi zuen Martxelok, Osakidetzako oposaketa prestatzen, finkotasuna amets, sindikatuak emandako test liburua magalean eta begiak ordenagailuko pantailan iltzaturik, Maribel lagunarekin txateatzen erantzunen inguruan. Atearen zaratak ere ez zion arretarik lapurtzen. Pasiorik gabeko “kaixo maitia” banaz betetzen zuten legezko agurra pasilloko mutur banatatik. Martxelok ez zuen gaizki hartzen inbasioa, noski. Igone hortzak garbitzera joan da, gosarikoak jasotzeari ekin dio Martxelok, eta Unaik Colacaoan galleta orea egiten jarraitu du. —Unai, ez luzatu. Ez bota galleta gehiago! Hitzak dira bukatuak, baina ez eztabaida, ez Martxeloren baitan: “Lasai, Igone, Giza Baliabideko informatikaria naun, ez dinat uste lan erregulazioak niri eragingo didanik...”. Mantra errepikakor eta tematiaren antzera darabil buruan. Egia da, berak esan zion hori, hilabete pare bat lehenago, Errenteriako sukalde zaharrean izandako eztabaidaren ondoren. Ez zen lehena, ez azkena, baina aspaldiko potoloena bai. Hura ere autoagatik, baina Renault zaharragatik. Sukaldekoak paketatzen ari ziren, eta Igonek ezustean atera zuen gaia, auto zaharra eta aurreko egunean tailerrean Martxelori esan ziotena. Azken egunetan ez zeukan beste konturik buruan, oso zaharra zela, aitaginarrebarena izandakoa, eta hala ibiltzea oso arriskutsua zela, direkzioa aspaldi izorratua, eta direkzioa konpontzea oso garestia izango zela, mila bat euro, zertarako eta ia hogei urte zituen autoa konpontzeko, eta horregatik edo harexegatik egunen batean ezustea izango zutela auto txatxu harekin, etxe berrian autoa ia egunero beharko zutela, eta orain bi mila euroko diru-laguntza ematen dutela... —...auto hori hilkutxa da, Martxelo! Martxelok imintzioka entzun zituen emaztearen argudio guztiak, kokoriko labearen aurretik zartaginak atera eta ondoko kutxan sartzen. Kontua, bere ustez, profanoagoa zen: etxe berriari auto berria zegokion, eurena garajeko autorik zaharrena izan ez zedin, bizilagun berriek ez ote zieten barrerik egingo; hori eta azken boladan Igone menpean hartua zuen gogo kontsumista geldiezina. Baina ez zuen bide gaizto hura hartu nahi. Demandari kemenez erantzuten saiatu zen: tailerrean direkzioko pieza bat aldatzea gomendatu ziotela, bai, baina gomendatu besterik ez, bestela ondo zebilela, bizpahiru urterako oraindik, eta etxearekin gastu handia egina zeukatela, oraindik altzari asko erosi behar zituztela, eta telebista berria... Baina, ezinbestez, hitz egin ahala, berotzen hasi zen, berotzen eta berotzen bide gaiztoan barrena, eta azkenean kexa pozoitsua atera zuen: —...eta, Igone, etxe berrian autoa egunero behar badugu, hori da tokitan dagoelako, ez Errenterian ez Oiartzunen, errotondaz eta trafikoz itota! Horretan arrazoi zuen Martxelok. Ez zen kalea eta ez zen mendia, bidegurutzea baizik. Nazional-1 zaharretik Errenteriatik atera, Astigarragarantz hartu eta segituan zegoen, etxalde berri eta modernoa, dotorea, dotoreegia horrelako leku ziztrin batean egoteko, inguru guztia eskalektri erraldoia zelako: errotondak, poligonoak, Alcampo hipermerkatua, Eusko Treneko trenbidea, Renfeko trenbidea, A8 autobidea, horien azpitik pasatzeko tunelak, N1 errepidea, Oiartzunerako errepidea, Astigarragarako errepidea... eta aurreko orubean Sobiet Batasunetik ekarritakoak ziruditen etxe-dorre soil zaharrak, adreilu horizkoak. Dena berrehun bat metroan, dena trafiko itzelak itoa, autoak, kamioiak eta trenak, porlana edo galipota ez zegoen tokian sasiak jaun eta jabe, kamioi trailerrak nolanahi aparkaturik bazterretan, larre berdeak eta muinoak urrun... Ez kalea, ez mendia. Saltzailearen esanetan, hori ondo komunikatuta egotea zen, hau da, hainbeste milioi kobratzeko aitzakia. Igonek salaketa entzun zuenean, lepoko gihar guztiak zurrundu eta kolpe batez itxi zuen mahai-tresnako tiradera hustua. Gero bitrozeramika hotzean jarri zituen bi ahurrak, hormako lauzei begira. Amorrutik berriz, itxi egin zituen begiak. —Martxelo, ez hasi berriro etxearekin! Baina Martxelo etxe berriarekin hasi egin zen, gogoz, gogotik, sukaldean zehar alderrai, Unai lehengusinaren etxean zela aprobetxaturik, meriendatzen. Azken asteetan gordetakoak bota zizkion Igoneri, denak batera: ordura arte ondo ibiliak zirela alokairuan, Errenterian bizi izan zirela beti, hantxe zituztela senideak, lagunak eta ezagunak, laster babes ofizialeko etxebizitzak egin behar zituztela herrian eta hobe izango zela itxoitea, Unaik bukatu beharko zuela hipoteka ordaintzen... —Joder, Martxelo, etxea erosita dago, erosita, ez dago atzera bueltarik! Dena izorratu behar duzu! Joder, bizitza izorratu behar didazu! Zaplada batez zigortu zuen Igonek bitrozeramika, artean ere lauzei begira geldi. —Igone, ez esan txorakeriarik! Nik zera... Esaldia bukatu gabe, biak isildu egin ziren. Martxelok mikro-uhin labearen gainetik enbalatzeko zinta hartu zuen. Nagi ibili zuen esku artean, objektua ezezaguna arretaz aztertzen. Topatu zuen halako batean mutur ezkutua eta hazkatzen hasi zen. Eskuek lanean jarraitu nahi zuten, sukalde erdiko kutxa betea itxi nahi zuten. Baina nagusirik gabe, laster ahaztu zuten zeregina. Martxelo eseri eta mahai gainean esku batetik bestera zinta birarazten hasi zen. —Enpresan lan erregulazioa egingo dute —esan zuen bat-batean, galdera baten erantzuna balitz bezala. Igonek hiru urratsetan egin zuen bitrozeramikatik leihorainoko metro eta erdia. Zabaldutako arropaz haragoko patiora begira geratu zen. Martxelo, mahaira eserita, bizkarrez eta burumakur, enbalatzeko zinta biribilkia ibilarazten jarraitu zuen, burrunba albo batetik burrunba bestera. Kartoizko kutxa ahazturik lurzoruan, hegalak anarkian noiz itxiko zizkioten. —Utzi hori, mesedez, urduri jartzen nauzu —esan zuen azkenean Igonek, tonu erretxin baina zibilizatuago batez. Jolasa gelditu zuen Martxelok. —Eta hori esateko sesioa behar zenuen lehendabizi? Martxelo isilik. —Zer erregulazio? —Lasai, Igone, Giza Baliabideko informatikaria naun, ez dinat uste niri eragingo didanik. Litekeena dun paperak prestatzen inoiz baino lanpetuago ibiltzea. Patetismo neurtua zerion tonu hari. Behin albiste txarra botata, giroa gozatu nahi zuen. Ondo atera zitzaion. Igone mahaira etorri eta sorbaldan jarri zion eskua. —Ez kezkatu, kontuak egingo ditiagu. Kafea prestatu bitartean egin zituzten kontuak, eta okerrenean ere ez zeundela hain gaizki erabaki zuten, eta okerrena zen azkenean Martxelo lanik gabe geratzea, baina orduan Igoneren soldata zeukaten, mila eta seiehun euro garbi, bankuko aurrezki apur batzuk eta hamabost bat urteren langabezi-sari inoiz ez kobratua, azkar egindako kalkuluen arabera gutxienez beste mila bat euro hil bakoitzaren hamargarrenean, semea edukita gehiago, eta kaleratzeagatik jasoko zukeen indemnizazioa gehitu behar zioten horri, Fogasakoa. Agian, estu samar bi mila euroko letra ordaindu eta beste gastuei aurre egiteko, baina nahikoa, eta hori okerrenean. Eta orduan Martxelori gogoratu zitzaion enpresa berria sortu nahi duten langabetuei diru-laguntzak ematen dizkietela, eta agian, okerrenean ere, aspaldiko asmoa berreskuratzeko aukera ona izan zitekeela, informatika enpresatxoa sortzea, eta Igonek baietz esan zion, egoera luzatzen bazen, aukera interesgarria izan zitekeela, inbertsio txikia eta arrisku txikia, beste zerbait sortu ezean, edo sortu bitartean. Zartaginen kutxa itxita, beste bat betetzen hasi ziren platerez: Igonek armairutik atera eta Martxelok jasotzen zituen kutxan txukun jartzeko egunkariko paperez bildu ondoren. Martxelok pozik zirudien, arindurik, eta Igone poz haren atzetik, barneraino sartu zitzaion izu-laborriari biderik ez emateko. Orain pisutsuak zitzaizkion arestian esandakoak, etxea erosita zegoela eta ez zegoela atzera bueltarik —Arrazoi dun, hobe gastu guztiak batera egitea, eta oso zaharra dun, eta arriskutsua. —Kotxea? —Hik esan dun, prezio onean zauden orain, eta diru-laguntza... Oraindik bazauzkanagu hire gurasoek emandako dirua. —Baina hain premiazkoa ere ez duk. Tailerrean hori esan bazuten... Ez zekiat, ba, agian itxoin beharko genikek. —Baietz, Igone, erosiko dinagu. Dirua dirua dun, eta ezbeharren bat saihesteko bada, ondo gastatua. Altzariak IKEAn erosiko ditinagu eta agian oporretarako ere geldituko zaigun! —Logela ere IKEAn? Bai zera! —haserretu zen Igone irribarre behartu batez. —Katalogoa zorroan daraman! —Ideiak hartzeko, baina gero kalitateak... Eta halaxe egin zuten: autoa erosi, etxe berrira aldatu eta orduan erregulazioak kalean utzi zuen Martxelo, hiru hilabetez, eta gero gerokoak, zitekeena baitzen enpresaren itxiera luzatzea edo, zoritxarra ate joka, ekoizpena Poloniara eramatea, hau da, lantegia behin betiko ixtea. Horrela estreinatu zituzten etxea, kotxea eta IKEAKO altzariak. Baina kontuak eginak zituzten eta ez zeuden hain gaizki, egia, ez zeuden hain gaizki, baina astelehena zen, eta Martxelo ez zihoan lanera. —Unai, zoaz hortzak garbitzera —esan dio semeari kopeta harraskan sartuta, trapua txorrotaren azpian hamaikagarren aldiz tximurtzen. Isiltasuna erantzun, atzera begiratu duenean, bakarrik dagoela konturatu da. Mahai gainean Actimelaren ontzia hutsik dago, Unairena. Zakarrontzi urdinera bota du. Tramankulu handia da, pieza bakarrekoa baina lau ahokoa, zabor bakoitza bere lekura botatzeko, gero birziklatzeko. Colacao-galleta porlanaz beteriko kikara jaso duenean, garrasia ito du eztarrian. Semearen bila joateko asmoa ere baztertu du. Lasaitu beharra dauka. Irratia piztu du: Europako goi mandatarien bilera nonbait, krisiari buruz hitz egiteko, atunontzi bahitua, Asian lurrikara handia, presoen argazkiak... Ez dute Renault berriari buruz hitz egiten, ezta etxe berriari buruz ere; galdara bere kabuz itzaltzea ere ez da albistea, ez eta Unairen gelako pertsiana trabatzea ere; ate batzuen bidean porlan txintxarriek wengézko lurzoruan egindako marra haiek ez dira Europako goi mandatarien kezka. Huskeriak dira guztiak, etxera sartu zirenetik hamaika haserreri aitzakia eman dioten huskeriak, gauza bakar bat ezin dela ondo atera gogoratzen dioten huskeriak, saltzailearen irribarrea zapuzteko adinakoak ez: —Segituan bidaliko dugu norbait “koxka” horiek konpontzera —esan zion aurreko astean telefonoz. Oraindik dago zain. Pisua erakutsi zien lehen aldian, Martxelok pentsatu zuen emakume haren hitz jario eutsi ezinak edonor konbentzituko zuela arima saldu eta bi halakoren truke pozik atzera eros ziezaion, negozioa egin zuelakoan, gainera. Sugandilaren urduritasunaz erakutsi zien etxea, kalitateak eta bertuteak goraipatzen ez zituenean, koipea ematen, orain etxeaz mintzo orain seme-alabez, ikastolaz, etxebizitzen salneurri ikaragarriaz: “...horregatik esaten dizuet ez duzuela hau bezalako aukerarik aurkituko”. Eta dena euskara ezin jatorrean, baina beharrezkoa izanez gero errusieraz ere bai, deabruak hizkuntza guztiak dakizki eta. Hamaika trikimailu bezeroak, begi aurrekoa ez, saltzaileak sortutako irudia ikus zezan, pentsa ez zezan, zalantza guztiak uxatu zitzan, momentu egokian buruan ideia bakarra sartzeko: “...garrantzitsuena zeuen burua hemen bizitzen ikustea da”. Begi mozkortuetan ilusioaren dirdira ikusi arte ez zuen prezioaz hitz egin nahi izan. Pasilloan Igoneren takoiak entzun ditu Martxelok. Ez zekien hain berandu zenik. —Gaur topoa hartuko dut, Martxelo —entzun du segituan—. Amarako anbulatoriora joan behar dut. Eta sarrerako atea ireki du. —Baina nora zoaz, ama? —galdetu dio Unaik pasilloko komuneko atetik. Etxe berrira joan zirenetik, hirurak autoz joaten ziren Errenteriaraino; hantxe hartzen zuen Igonek trena Groseko anbulategira joateko, Renfekoa, etxe ondoko topoak urrun uzten baitzuen lanetik, Amaran. Hondarribia-Donostia autobusa ere aukera zuen, baina hari itxoitea apustu bakarra eta arriskutsua zen: gehienetan berandu etortzen zen, batez ere, euria egiten bazuen edo polizia nazionalek ohiko kontrola paratzen bazuten, Gaintxurizketan edo Lintzirinen. —Topoa hartzera, maitia. Gaur Amarako anbulatoriora joan behar dut. Etorri hona musua ematera. Lasterka txikia pasilloan, kutxa baten kontra estropezu, amaren kexua eta muxu ozena. —Zoaz, ama, nik itxiko dut atea! —aldarrikatu du Unaik. Ate astuna da, blindatua, eta bi eskuekin helduta ere kostatzen zaio mugitzea, gazteluko atetzarra balitz bezala. Horrexegatik gustatzen zaio ixtea. Agur labur eta lehorra airean, Martxelorentzat. —Baina, Unai, kontuz... Eta Martxeloren erantzuna atearen danbak ito du. Bezperan esan zion Amaran zeukala lana, ordezkapena. Ahaztuta zeukan. Geltokirainoko bost minutuko isiltasun estutik libratu da, kotxetik atera aurreko musu sendagarritik ere bai. Bakerako apaltasuna baino errazagoa da gibel-denborari amorrua metabolizatzen uztea. —Unai, bagoaz! Ez luzatu komunean! —bota du ozenki. Trapua txorrotaren azpian blaitu eta gogor tximurtu du berriro. —Zure zain nago, aitaaa! Zuuu zabiltza berandu! Burua sukaldeko atetik atera eta sarreran ikusi du semea txandala jantzita eta zorroa bizkarrean, bandei bi erpuruekin helduta, zintzo demonio. Sarrerako erlojuari begiratu dio. —Hartu txamarra. Unai korrika abiatu da gelara. Martxelok eskuak lehortu eta janztera joan da. “Oporretan” dagoenez, arropa erosoa aukeratu du: Northfaceko prakak eta polarra, Nike deportibak eta kamiseta frikia: Micky Mouse erraldoi irribarretsu bat New Yorkeko Enpire Statera igota, hegazkinak tiroka bere inguruan, King Kongen antzera. “Euskal janzkera friki mendizalea”, Igonek esan ohi duenez. Unairi, ordea, asko gustatzen zaio aitaren kamiseta, eta horregatik beste bat erosia du berarentzat larunbatean Action-manarekin batera oparitzeko. Tamalez, interneteko denda hartan kamiseta guztiak helduentzat ziren, eta ezin izan zion neurri egokikorik erosi; L neurrikoarekin amore eman beharko du. —Unai, non zara? —Hemen, aita, zure zain! Berandu zabiltza! Atarira joan da. —Hori ez, hori ezin duzu eskolara eraman. Txamarraz gain, Unaik eskuan Action-man zaharra ere ekarri duelako. —Joooo, es para el coche... —Beste bat ez! Hor badaukazu bat edo bi. —Autoan bat bakarrik... —Ezetz! Purrustaka bota du lurrera. Egun gutxitan auto berria jostailuz bete du. Atzeko aldea bere erresumatzat aldarrikatzen du horrela. —Lurrera ez, gelara eraman behar duzu. Eta azkar, Unai, berandu da eta. Berriro gelara, amorruz buru-besoei eragiten, antzerkitan bere buruarekin: —Jooo, Unai, ke berandu dela, ke berandu dela...! Igogailu estuan isilik jaitsi dira garajera. Unaik birikak puztu eta ahoa itxi du, jolas moduan, ea beheraino iritsi arte arnasari eusteko gauza ote den; ikastolako patioan lehia dute eta gaurkoa irabazi nahi du. Martxelo aluminiozko atera begira geratu da, giltzekin jolasean, gorriak semearen aurpegia hartzen duen bitartean. Igogailua gelditu denean, aitaren hanken artean bortizki sartu da eta ateko bi orrien arteko zirrikituan sartu nahi izan ditu hatzak, bere indarrez ireki nahian; berez ireki direnean, sakon hartu du arnasa, arnas faltan ur-azalera irteten den urpekariaren gisa. Halakorik ez egiteko esan dio Martxelok haserre. Isilik jarraitu dute autoraino, eta isilik lotu dio semeari segurtasun-uhala atzeko aulki berezian. —Eta ez askatu. Gidariaren lekuan eseri da, autoa martxan jarri eta maniobratzeko atzerako ispiluan begiratu du. Unai pilotatxo batekin ari da jolasten leihatilaren kontra errebotatzen. —Unai, ez jolastu kotxean! Zuk horrela jarraitu eta zure jostailu guztiak ume ijito bati emango dizkiot opari, eta larunbatekoak ere bai! Unaik purrusta egin du, baina laburra, keinu zatarrik eta kasketarik gabe, erabat antzeztua. Garajetik atera arte arnasari eutsiko diola erabaki du. Masailak bete eta aurpegia gorritu du, arnasa faltagatik baino, imintzioagatik. —Unai, ez egin txorakeriarik. —Jooo... Baaale.... Baina gutxi iraun du barealdiak. Lehen errotondara iritsi direnerako, hitz lapikoari eman dio aitari ikastolakoak kontatzen, ikasgelako batek esan zuela Actimel-ak nazkagarriak zirela, eta beste batek esan ziola bere familia pobrea zela eta horregatik ez zutela halakorik erosteko dirurik... —Baina niri gustatzen zaizkit, aita, eta ume horri bihar ez diot gozokirik emango. Esaldi bakar batean zurikeria eta saldukeria. Martxelok ez dio ez bata ez bestea sinistu, baina isildu behar. Onartezina izango litzateke heldu hain garbi jokatzea, areago onuraren bat jasotzeko zain, urtebetetzearen bezperan, kasu. Zama etikorik gabe, umeei interesa eta morala baino ez zaizkie lehiatzen, eta morala ere interesatua da: segurtasuna bermatzeko. Umeek hobeto neurtzen dituzte euren baliabideak eta aukerak. Unaik, lehen, ohiko kasketaren ondoren, erraz egiten zuen atzera porrota ezinbestekoa zitzaionean, umiliaturik sentitu gabe, eta barrenak ondo hustuta ez zuen inolako eragozpenik izaten ordura arte ogro maltzur tirano izandakoa besarkatzeko, maitekiro eta lozorroan, gozokia edo dena delakoa lortu ez arren, maitasuna ziurtatzeko, eta agian gozokia edo dena delakoa ere bai. Orain teknika aldatu du: koipea ematen ikasi du, manipulatzen. Kea asmatu duela pentsatzen du, eta horregatik ez du ulertu aitaren errieta erretxina: —Unai, gonbiteak guztientzat dira eta guztiei eman behar diezu. —Jooo... eske tontolapikoa da, aita... —esan du apal, zapuzturik. Segundo batzuk isilik eta mamiari heldu dio: —Eta arratsaldean erosiko ditugu gozokiak? —Neuk erosiko ditut orain. —Jooo... —Eta Kinder Sorpresarik ez. —Jooo... ke kutrea. Lehendabiziko aldiz eramango du gonbitea Unaik, aurreko astean klaseko batek estreinakoz eraman zuelako. Eskuak bete gozoki topatu zuen Martxelok ikastolako sarreran. —Bai ikaskide jatorrak zureak! Kinder Sorpresa eta guzti! —esan zuen Martxelok ikastola irteeran Unai esku bete gozoki topatu zuenean. Baina jatorrak, berez, ume haren gurasoak izan zirela pentsatu zuen, beste gurasoei halako xantaia inposatzegatik. Eta ikastolan horrelakoen kontrako arauak ezarri beharko zituztela ere erabaki zuen, agian debekatzerik ez, baina muga jartzea bai: txupatxus bana edo poltsa bete sugus klase osoarentzat, neurrizko zerbait, ez demaseko hura: kontu azkarra eginda, Unaik ekarritako poltsatxo hark bi euro balio zuen; bi euro bider hogeita hamabi ume, hirurogeita lau euro ziren eskolan gonbitea egiteko, litxarreriak oparitzeko. Guraso haiek inolako lan erregulazioren berri ez zeukaten seinale. Martxelok, ez zekien, iraileko oharra irakurri ez zuelako jakin ez, eskolak bizkotxoak edo enparauak eramatea gomendatzen zuela, etxean egindakoak. —Aita, nik ere eramango ditut gozoki poltsak? —galdetu zion Unaik kotxean Kinder Sorpresari zilarrezko bilgarri zuri-gorria kendu bitartean—. Klasekoek galdetu didate, zergatik badakite hurrengo astean nire urtebetetzea dela. —Zuk esan diezulako jakingo dute, Unai. Amarekin hitz egingo dut —esan eta damutu, hain azkar amore emateagatik. Orain ez zen konformatuko poltsa bete sugus eramatearekin—. Baina Kinder Sorpresarik ez, oso garestiak dira! Gozoki batzuk eta kito. Eta ez zikindu txokolatearekin, eta ez da esaten “zergatik badakite”, “dakitelako” esaten da, eta “datorren astean”. —Jooo... —kexatu zen Unai kokotsa paparrean, kemen handirik gabe: une hartan arrautza magikotik atera berri zuen jostailutxoak hamar minutuko loria aldarrikatzen zion—... un urtebetetze kutre. —Kutreagoa da ezer ez! Eta ez jan gozoki gehiago meriendatu arte. Bi urte lehenago, Unaik lau urte zituela, BBC kateko erreportaje bat ikusi zuen Martxelok. Berez, gizakion hazkundea eta gainbehera zertan gauzatzen diren azaltzen zuen erreportaje sail bateko alea zen, umeen garapenari zegokiona. Bertan hainbat proba egiten zituzten umeen gaitasunak neurtzeko, oso errazak egiten denak. Berehala saiatu zen Martxelo haietako bat egiten. Esperimentua oso erraza zen, etxean ere egiteko modukoa: semeari merienda eman aitzakian, bere plastikozko edalontzi gorria, tapa eta guzti, erakutsi zion. Zukuaren ordez galletaz beteta zegoen, baina Unaik ez zekien, noski. Helburua, ea Unaik enpatia garatua ote zuen. —Unai —galdetu zion Martxelok—, zer dago barruan? —Zukua! —bota zuen umeak erabateko ziurtasunaz. Martxelok tapakia kendu eta galletak erakutsi zizkion. Unaik begiak zabal-zabal ireki eta barrez hasi zen. —Galletak! —esan zuen magia jokoa ikusi izan balu bezala. Martxelok bat eman eta tapakia jarri zion berriz. —Unai, entzun, ama etorriko da orain, eta nik galdetuko diot: “Zer dago barruan, ama?”. Zer esango du amak? Galleta murtxikatzeari utzi gabe, Unaik edalontziari begiratu zion hausnarketa sakonetan, gero esku artean zeukan galleta erdiari. —Galletak! —esan zuen azkenean txokolatezko irribarre zoragarri batez, harro, ustez aitak espero zuen erantzuna eman zuenez. Baina desengainua hartu zuen Martxelok: “zukua” esan behar zuen enpatia bereganatua izan balu, amaren errealitatea bestelakoa zela ohartu, hain zuzen ere, amaren ikuspuntutik logikoena edalontzi barruan zukua zegoela esatea baitzen; “galletak” esan zuen, ordea, oraindik ere bere errealitatea guztien errealitatea zela pentsatzen zuelako, berak zekiena amak ere bazekiela, alegia. Hurrengo bi hilabetean hainbatetan saiatu zen; beti ere, alferrik. Etsi zuenean, Unaik berak eman zion ezustekoa, egongelako paretan plastidekorraz marra batzuk egiten topatu zuenean. —Et, et, et! —esan zion plastidekorra eskutik kentzeaz batera—. Gozoa jarriko da ama! Baina Unaik, ohiko negarraren ordez, amari ez esateko erregutu zion aitatxori, beldurtuta oso, aho txikiaz. —Ez esan, ez esan! Ez zen halako arte lanik egiten zuen lehen aldia. Aurrekoan ipurdiko galanta eman zion amak, etxea alokatua zela eta a zer-nolako komeriak izango zituzten jabearekin handik joatean... Eta gero senar-emazteek sesioa izan zuten semea jotzeagatik eta, bide batez, Igonek zehar bidez etxe berria erosteko gaia berriro atera zuelako hizpidera. —Ez diot esango, baina gaur zigortuta zaude telebistarik gabe. Unaik azkenean ulertu zuen bere ikuspuntua eta besteena ez zirela ezinbestez bat etorri behar. Aitak amari esaten ez bazion, amak ez zuela jakingo. BBCko erreportajean zioten lauzpabost urte behar dituela gizakiak enpatia garatzeko, baina hamabi hilabete nahikoak direla hurkoari nahita min egiten ikasteko. Unaik aurrera makurtu da aitak ondo entzun diezaion. Silabak banan-banan ahoskatu behar ditu: —Apaipitapa, zepenbapat upurtepe bepetepekopo dipituput bipihapar? Apaipitapa! Apaipitapa! Jooo, aita, ez didazu entzuten! —Nahikoa da, Unai! Eta Unai atzera agondu da aulkian, besoak gurutzaturik, purrustaka. Martxelok arreta handiagoz gidatu behar du Errenteriako zumardira iristean. Astelehena azoka eguna da Errenterian. Goizeroko ohiko kaosari frutaz eta barazkiz betetako kamioak gehitzen zaizkio, marka susmagarriko arropaz leporaino zamaturiko furgonetak, postuen artean denak aparkaturik, autoak poliki eta turutak azkar. —Berandu iritsiko gara, aita. —Ez gara berandu iritsiko. —Bi minutu falta dira, aita. —Baietz! Ikastolara iritsi direnean, bestelako inbasio barbaroarekin egin dute topo, baina ijitoen furgonetarik gabe, ama gazte eta lerdenen auto modernoen partetik; haietako asko handi-mandiak dira, 4x4 motakoak, nolanahi aparkaturik, espaloietan zein errotondaren inguruan. Gero, eguerdian eta arratsaldean, kaos bera errepikatuko da, ikastolako sarreran ibili ohi diren udaltzainek ezer esaten ez dutenez; askoz ere zorrotzagoak dira azokako ijitoekin. Martxelok ere hala-hola aparkatu eta ikastolako sarreraraino lagundu dio Unairi. Ozta iritsi dira garaiz, klasera sartzeko txirrinak jo duen unean bertan. —Aita, ez ahaztu gozokiak. —Ezetz. Musu azkarra eman eta autora itzuli da alferrikako larritasunez: tarte laburra nahikoa izan da beste auto batek berea blokaturik utz dezan. Volkswagen Golf berde iluna da. Lepoa luzatu eta lotsagabeki inguruetara begiratzen hasi da, nabarmen. Aitona-amona batzuk eta ama asko ikusi ditu, solasean, haietakoren bat erruduna. Ez dauka presarik, ez dauka zereginik, baina ez zaio itxoitea gustatzen. Gainera, beste gidariak ez daki presarik daukan ala ez, lanera joan behar duen ala semearen gonbitea erostera; txinpartak ahoan, giltza dantzan hatzen artean hasi da. Etortzen denean zerbait esan behar diola pentsatu du. Kotxe barrura sartu da turuta jotzeko asmoz, baina gogoz beste hasperen egin eta atzeko aldea txukuntzeari ekin dio. Bilduma ederra dauka Unaik. Pistolaz gain, Pitxitxi katua, Action-mana eta Pirritx eta Porrotxen pilota txikia. Denak kopilotuaren eserlekuan utzi ditu, denak etxera igotzeko. Oraindik ere bi minutuz itxaron behar izan du. Ispiluak doitu ditu, eserlekua egokitu, turuta jotzeko tentazioari eutsi, beste gidaria korrika txikian kotxearen aurretik pasatzen ikusi duen arte; besoa luze eta eskua zabal, barkamena eskatu dio Martxelori, edo pazientzia, edo badoala... Igoneren adineko emakumezkoa da, agian zahartuxeagoa. Volkswagen Golf berde ilunean sartu eta ziztu bizian abiatu da. Eskola sarreran anarkia onartzen da. —Ostia, hi, aspaldiko. Pobreak nola bizi garen ikustera etorri al haiz, ala? —agurtu du Ferminek tabernan sartu orduko. Lokala hutsik dago, hustu berria, aurreko oldarraren ondoren. Tabernaria lerro zuzenean jartzen ari zen kikara garbiak eta azukre sobreak. Bat atera du lerrotik Martxelorentzat. —Hik edukiko duk hik errenta ona! Egon isilik eta atera kortadoa. Ferminek zintzo eman du buelta eta kafe makinarekin hasi da lehian, maitasunik gabe, iragazki-kirtena gogor jotzen tiraderaren ertzearen kontra kafe hondarrak ateratzeko; kask-kask, kafe eho berriaz hornitu eta eskarmentuaren zehaztasun azkarraz sartu du atzera bere lekuan. Makinaren kexu bakarrak lurrin intziriak izan dira. Martxelok barraren muturrerainoko joan-etorria egin du egunkaria hartzeko. Ikastolatik, zumardiko azokako zalaparta atzean utzi eta papeleraz harago aparkatzea erabaki du, bat-batean, lekua ikusi duenean. Mamuten erosi nahi zuen Unairen gonbitea, baina goiz da oraindik eta hamarrak arte itxita dago. Bestela etxeratu eta atzera beharko du atera. Baina Herriko Plazako gozoki denda ere itxita topatu du. Ez daki noiz irekiko duten; igandeetan ordu bat eta erdietan ixten dutela baino ez daki, Unaik beti estutzen zituelako kontu horrekin, itxiko zutela eta itxiko zutela, artean igande goizak kartoizko kaxak bete gabe paseoan ematen zituztenean. Gozoki denda itxitik Sansoenea kalera iritsi da ohiko ibilbidetik. Naturala bezain arrotza egin zaio kale horietatik ibiltzea. Bosgarren zenbakiaren parean gora begiratu du. Hutsik ematen du, aste batzuk lehenago utzi zuten bezain hutsik. Atariko atea bultzatu du, ea irekita ote dagoen postontzia ikusteko; behingoan ez. Orduan kale kantoiko tabernan sartu da. —Eta zertan hemen? Pozik etxe berrian? —galdetu dio Ferminek kafea ekarri dionean. —Pozik bai. Badakik, leku lasaia duk, ia trafikorik gabea —esan dio begirada egunkaritik jaso gabe. Ferminek irribarre egin du. —Orain amerikanoen moduan nabilek —gehitu du Martxelok egunkariko bi orri interesik gabe pasa ondoren—, leku batetik bestera autoz. —Ez adarrik jo, hi! Hori duk aitzakia auto berria paseatzera ateratzeko, besteok ikus dezagun. Zenbat duk etxetik hona, bi kilometro? —Ostia, Fermin, Renault bat duk! Zaharrak hogei urte zitian. Gero serioago jarri da Fermin eta lan erregulazioaz galdetu dio. Gizalegezko galdera da, konpromisorik gabekoa, erantzun laburra espero dutenetakoa. Martxelok gustura kontatuko lizkioke bere pena guztiak, bere damuak, auto berria kostatu zenarekin hipotekako letra asko ordaindu ahal izango lituzketela, etxea erostea ergelkeria izan dela, Igonerekin ez dagoela ondo, sesiotan dabiltzala beti, Unai horretaz konturatzen dela... Agian, edaria eta ordua bestelakoak balira, agian kontatu egingo lizkioke, agian Ferminen ustezko pentsamendu ozpina buruan ez balerabil: “Handi-manditan ibiltzeagatik zabiltzate horrela, ez negarrik egin orain”. —Ziur aski laster bulego zuloan kexaka ibiliko nauk. Orduan, oporretan pentsatzen hasiko nauk. Ferminek irribarre egin du. —Ba, nik gustura hartuko nikek goiza libre denboraldiko azken perretxikoak biltzeko. Autoa hartu eta Artikutza aldera joango nindukek. —Hik taberna itxi? Hago horretan! —Kafe asko jarri behar ditiat jateko, hi! —Bai, eta langostino asko jan behar dira bizimodua ateratzeko! Hori esaten zian batek. —Ez nabilek ni bertsotan, hi! Barre egin dute biek, gero isildu, nor bereari emana, Martxelok egunkariko orriak pasatzeari eta Ferminek barra gainekoak txukuntzeari. —San Agustinetan eraman genian Unai. Artikutzara esan nahi diat —bota du azkenean Martxelok, egunkariaren azken orria pasatu duenean. Barra amaierako gakora bueltatu eta txanponak atera ditu patrikatik. Pare bat utzi du barra gainean—. Badakik, dena kotxez eta errepide ertzeko tortilla jalez beteta, pilota partidu ziztrinak eta euskal dantzak. Ferminek nagikeriaz jaso ditu bi txanponak hatz puntekin, banan-banan, ahur zekenarekin barran zehar eskutik eskura eraman gabe. —Gaur ez, gaur jubilatuak aurkituko dituk. —Eta langabetuak. Agian kasu egingo diat eta hara joango nauk. Ez duk ideia txarra. —Nik egingo nikek. Autora bitartean gutxi iraun dio bakeak. Errua ez da Ferminena; tabernariak ondo bete du bere eginkizuna: kafearekin batera, hogei minutuko adiskidetasuna eskaini dio, dena txanpon pare baten truke. Ezin da kexatu, ezin du gehiago eskatu. Lagunak, koadrilakoak, ez ditu aspaldi ikusi, poteatzera atera ziren azken alditik ez, orain dela bi hilabete. Eta halakoetan ere, emakumeak segituan lotzen zaizkio edozein gairi, umeak kalean jolasean pozik, baina Martxelo-eta, berri zaharrak astindu ondoren, gaztaroko pasadizoetara lerratzen dira beti, isilik ez geratzeko, nostalgia antzeztutik hango jaiak eta hango kontzertua hizpide, edo udalak hartutako azken erabakiaren gainean... Nolanahi ere, nagiegi elkarrentzako espazio berria osatzen hasteko, interesik gabe, zamatuegi. Agur luzean, hurrengo batean luzeago arituko direla hitzartuko dute, ordurako nork bere seme-alaba besoetan hartuta, larri etxera itzultzeko, bazkaria prestatu behar omen delako. Martxan jarri du autoa. Poliki joan da, ezinbestez poliki, Nafarroa etorbideko bide-konkorren gainetik leun igarotzeko. Lehen errotonda, bigarrena, adreilu argi balkoi beltzeko etxeak. Bigarrenean gelditu du autoa, garajeko atearen aurrean. Polarreko patrikatik urrutikoa atera eta botoia sakatu du. Atea motelegi ireki da. Gero, erabateko doitasunez gidatu du autoa garajeko zutabeen artean euren plazaraino iritsi arte. Giltza biratu du motorra itzaltzeko, baina ez du kontaktutik atera. Horma gris marra gorrira begira gelditu da. Oraindik ordu erdi falta da Mamuteko Alcampo ireki dezaten. Etxera igotzen bada, ordenagailua lanean utz dezake. Aspaldidanik jaitsi nahi du The Fall and Rise of Reginald Perrin. Bazkaldu ondoren kapitulu batzuk ikusten has daiteke. Ez du gogoratzen zenbat kapitulu ziren, baina gutxienez aste osorako adina izango du. Dena astuna zaio, etxera igotzea, ordenagailuan sartzea, Mamut... Kotxea martxan jarri du, ia pentsatu gabe, matxinatuta. Igonek ezuste ona izango du afarian, perretxikoekin zoratzen da eta. Errepidean Azaroaren hasiera. Errepidea bustita dago, orbel ustelek hartuak bazterrak, gaztaina trikuak nonahi. Herriko azken auzoa atzean utzita errepidea gero eta pikoagoa da, bihurriagoa, mendi magalean gora, oihanean barrena. Martxa aldatu du. Poliki doa, errepidetik aterako ote den baino, bihurgune baten bueltan mendizale, txirrindulari edo behiren batekin talka egingo duen beldur. Halere, lasai, ibileraz gozatzen. Leihatila jaitsi du besoa kanpora ateratzeko. Eguratsak azala hezetu dio. Irratitik doinu arin eta itsaskorra. Eskua barrura sartu du atzera bolanteari eutsi eta bestearekin martxa berriro aldatzeko. Aurrean bihurgune itxia dauka, eskuinetara. Bestaldean, zuhaitzen artean, itzal bat antzeman du, oinezkoa bide bazterrean. “Hori ere perretxikotara zoak”, pentsatu du, eta atzean zabalgune batean ikusitako autoa gogoratu du. Bat-batean telefonoa dardarka hasi da polarreko patrikan. Mezua da. Abiadura moteldu du, esku bat bolantean eta bestea telefonoan. Publizitatea da. Bihurgunea hartu eta badaezpada turuta kolpetxoa jo du ustezko perretxiko-zalea ohartarazteko. Honek burua bueltatu du, gero gorputz osoa, eta orduan errepide erdira atera da, bi besoak kotxerantz luzaturik. —Zer ostia ari haiz? —bota du gidariak ozenki galga larri zapaltzen. Hiru metrora geratu da kotxea. Kostatu zaio gidariari kanpokoak eskuan pistola daukala konturatzea, berari zuzenduta; buruan, aurpegia estaltzen dion txano gorria, bi zulo begietan, bat ahoan. kontzientziak irudiak prozesatzeko denbora behar du; inkontzienteak ez, eta gorputza paralizatzeko agindu du lehenik eta behin. Baina denbora aurrera doa eta txanodunak, apuntatzeari utzi gabe, autorantz egin du. Beso bat jaitsi du kopilotuaren atea irekitzeko. Azken begirada inguruetara eta atea ireki. Eserlekua jostailuz beteta dago, panpina batzuk eta pilota. Kolpe batez bidali ditu txanodunak lurrera eta eseri egin da. —Segi aurrera! —esan dio gidariari saihetsetan pistolaz akuilatu bitartean. Auto-eskolako lehen praktikan baino okerrago sartu du gidariak lozagia: karranka, jauzia eta autoa gelditu egin da. —Barkatu, barkatu —esan du urduri. —Jarri martxan! Azkar! Halaxe egin du eta aurrera doaz, ehun metro, berrehun metro, hiruzpalau bihurgune, eta bat-batean txanoduna makurtu egin da. Aurrean auto bat dator. —Ez egin ergelkeriarik! —eta pistola saihetsen kontra areago estutu dio. —Hi, lasai! —atera zaio gidariari ahots pitzatuaz. Autoak elkarren ondotik pasatzean, gidariak bestearen begirada erregutu du. Baserritar itxura hartu dio, baina ez dio begiratu ere egin. Atzerako ispiluan urruntzen ikusi du autoa. Errepidetik atera eta porlanezko pista batetik jarraitu dute, lurrezko bide batetik gero, zabalgune batera iritsi diren arte. Han autoa gelditzeko agindu dio txanodunak. Giltza kontaktutik atera eta kanpora joan da gero. Atea irekita utzi du, eta berriro ari zaio pistolaz apuntatzen. —Atera hadi! Baina gidaria sorgortuta dago. Oraindik ez du egoera ulertzen. Buruan jaso ditu datuak, baina osatzen duten irudia ez du ulertzen, ez du ikusten; espazioa, denbora eta bere kontzientzia elkarrengandik banandurik dauzka. Minutu batzuk lehenago patxadaz ari zen gidatzen eta orain ataka honetan dago, hain azkar dena. —Hi, esnatu! Ateratzeko esan diat! —Bai, bai! Pagadian barrena abiatu dira, mendi magalean gora, txanoduna atzetik pistolaz apuntatzen. Gidariari urrats bakoitzean ondoeza larriagotzen zaio, hanketan gurinezkoak ditu giharrak, kakalarria sentitzen du, zurrunbilo gorra belarrietan, belarrondokoa jaso eta ondorengoa bezalakoa, baina belarrondokorik gabe. Ibili ahala, garondoan kilikak sentitzen hasi da, eskua hara eraman nahi du. Txanodunak garondoan tiro egiten badio, ez da konturatu ere egingo: bat-batean argia itzali egingo da eta kito; agian kolpea sentituko du, agian bala burmuina zeharkatzen sentituko du... Atzera begiratu du. —Hi, aurrera! —esan dio zakar txanodunak. Isilik jarraitu dute minutu pare batez, luze-luzeak, gidaria tarteka atzera begiratzen, agindua gorabehera. Halako batean txanoduna ziplo gelditu da. —Hori duk lekua. Harri handi bat dago, borobila eta erpinik gabekoa, metro eta erdi altu, hiru zabal; alde batean goroldioak hartuta dago, eta ondo-ondoan pagoa. —Orain zuhaitz horren bizkar esertzea nahi diat. Txanoduna inguruetara begiratzen hasi da, tokia segurua ote den baieztatzeko. Gidaria zuhaitz ondora joan da, baina zutik geratu da ergeldurik, eseri gabe. Zerbait egingo badu, oraintxe beharko, pistola kentzen saiatu edo maldan behera korrika abiatu; adrenalinak lagundurik eta txanoduna ezustean hartuta, ziur aski lortuko luke. Baina ez zaio bururatu ere egin, berak ere burua albo batera eta bestera eraman du lekua zinez segurua ote den ziurtatzeko. Txanodunak ederki asko daki egoera kontrolpean daukala. Honezkero, pistolaz mehatxatu beharrik gabe ere, gidariaren borondatea gatibu du. Lur ustel bustian hilobia egiteko aginduko balio, egin egingo luke; sartu egingo litzateke barrura gero, azken momentura arte itxaropenari helduta. Orduan baino ez litzateke arranguraz gupida eskatzen hasiko txanodunaren orkatilei helduta, prakak malkoz eta mukuz zikintzen. Agian, kontzientzia apurra izango luke lehenago korrika ihes egin ez izanaz damutzeko. Duintasuna da hil zorian berreskuratu daitekeen bertute bakarra, baina koldarkeria lotsagarria gailentzen zaio ia beti, bizitzeko gogoa. —Esertzeko, ba, ostia! Gidaria lurrean eseri da, bizkarra enborrean bermaturik, baina hankak tolesturik. —Horrela ez, luzatu hankak, ipurdia lurrean. Orain lotu egingo haut. Eraman itzak eskuak atzera. Gidaria lur hezean agondu da eta atzera eraman ditu besoak enborra besarkatuz. Haien bila joan da txanoduna. Pistola gorde du. Polarreko patrikatik soka zuri luzea atera du, berak ere polarra baitauka, Northface bat, eta marka bereko prakak, Nike deportiba zuriak. Egia esan, gidaria eta txanoduna berdin-berdin daude jantzita, txano gorria eta eskularruak gorabehera. Lana bukatu duenean, aurrera itzuli da. Pistola gorde duela ikusi du gidariak, ezinbestez eskuak lotzeko gorde behar zuelako, edo lurrean utzi. Beste aukera bat galdu du ihes egiteko. Baina konturatu izan balitz ere, nekez jaiki ahal izango litzateke behar bezain azkar. Horregatik esan zion hankak luzatzeko. Oso jokaera profesionala iruditu zaio, baina gidariak ez daki hori berarentzat ona ala txarra den. Nolanahi ere, aitzakia ona da ihes egiten saiatu ez izana zuritzeko: “Ezin izan nuen ezer egin”, ikusi du bere burua agintariei azalpenak ematen. —Ez diat oso lotura estua egin odola ondo ibiltzeko, baina alferrik duk askatzen saiatzea. Orain hankak ere lotu behar dizkiat. Txanoduna bere aurrera makurtu da. Izerdi ustelaren eta tabakoaren kiratsa nahastua dario. Goiz-goizean irudikatu du gidariak, oso goiz, berari altxatzeko ordubete falta zitzaiola, sukalde batean eserita, kafea hartzen, lantegira joan behar duen langile morroiaren antzera, erretzen, erlojuari begira... Begi urdinak ditu, betile beltzak, ezaguna zaio begirada, identifikatu ez arren. —Zeri begira? —esan dio zakar txanodunak. Gidariak burua makurtu du. Txikitan buruz ikasitako aho-korapiloa etorri zaio burura, ez daki zergatik, ez dauka zerikusirik egoerarekin: “Mozorroa zorrora, zomorroa zokora...”. Ez du inoiz ulertu, orain ere ez. Txanoduna berriz altxatu da. Lasaiago dirudi. Berriro alboetara begiratzen hasi da. Bakarrik daude basoan. —Ba al duk inor zain, lanean edo etxean...? Ez esan gezurrik —galdetu dio gidariari. —Bai, ez, bai... langabezian nago, baina semea ikastolatik jaso behar dut. —Noiz? —Bostetan? —Gaur amona joango duk. Tira, orain ahoa estali behar diat, ez izutu. Patrikatik galtzerdi bat atera du txanodunak, ahoa ireki du gidariak. Zapi batez ondo lotu du gero buru bueltan. —Ondo hartzen duk arnasa? Baietz esan dio buruaz, baina egiatan ez daki arnasa ondo hartzen ote duen. Sukarrak hartuta dauka aurpegia, gorriturik, izerdi batean kopeta eta lokiak. Eskuak, ordea, zurbildurik ditu, hotz. —Bai? Ondo hartzen duk arnasa? Listo, orduan. Txanoduna berriro makurtu da gidariarengana. Haren patriketan bila hasi da. Telefonoa atera du. —Hau itzali egingo diat. Ez diagu deirik jaso nahi. Pantaila erabat itzali denean, gidariaren magalean utzi du telefonoa. Pauso batzuk egin ditu atzera. Polarreko kremailera ireki du. Barrura sartu du eskua. Gidariak begiak itxi baino lehen Micky Mouseren aurpegi irribarretsua ikusi du txanodunaren elastikoan. Ez du ulertzen, ezinezkoa da, baina badauka elastiko hori baino kezka handiagorik, oraintxe hil behar duela pentsatu baitu, pistola atera eta tiro egingo diola. Ez da konturatu ere egingo, argia bat-batean itzaliko da. Galtzerdiak adia ito du. Gupida eskatu nahi du, baina ezin. Lehenago eskatu behar zuen gupida. Dena engainua izan da. Orain amorrua ere sentitzen du hain otzana izateagatik. Mina sentitzeraino itxi ditu begiak... Baina tiro hotsik ez, urratsak orbelean urruntzen baino ez ditu entzun. Gero gelditu egin dira pasoak, orri pasen fereka. Gidariak begiak ireki ditu: txanoduna aurreko harri batean dago eserita, esku artean, paper multzoa dauka, eta txanoaren gainetik betaurrekoak jantzi ditu, irakurtzeko betaurrekoak behar dituelako. —Orain ipuin batzuk irakurriko dizkiat. Eta lehen ipuina irakurtzen hasi da txanoduna. Literatura merkea – John Ferreiraren kasua [2009ko Gabriel ipuin-lehiaketako XXVII. Edizioko accesita jaso zuen ipuin honek] 1 1904. urtean, The New Yorker Daily News egunkariak “Honeymoon in cellar” errelatoa eraman zuen argitara, apiriletik ekainera, asteartetik asteartera kapitulu bat. Egun haietan egunkarien salmenta ehuneko bost igo zenez, abuztuan errelatoa osorik kaleratu zen berriro liburuxka batean, pulp motako aldizkari gisa, hain zuzen, argitalpen berri haiek izaten ari ziren arrakastari segika. Merkeak ziren, zentabo gutxiren truke edonork erosteko modukoak. Marrazki dramatikoekin apaindutako azala zuten luxu bakarra, irakurleak erakartzeko amuzkia. Kasu, “Honeymoon in cellar” errelatoan bi polizia agente ageri ziren harri ilunezko soto batean, saiheska, ia bizkarrez, aurrera begira, baina espantuz beteriko aurpegi erdiak erakusteko moduan; batak kriseiluari eusten zion buru gainetik, besteak pikotxari, eta bien artean, horman egindako zuloaz bestaldeko txoko ilunean, ezkontza-soineko zuriz jantzitako eskeleto momifikatu bat. “Honeymoon in cellar” hilketa lazgarri baten istorioa zen, eta autorea John Ferreira zen, hogeita hamaika urte lehenago Boston hirian sortua, ardo-artekari portugaldar baten seme bakarra. Argitalpenari segituan jarraitu zitzaion polemika. Ez epela, urte hartako udara sargoriaren parekoa baizik. Izan ere, New Yorker Daily News egunkariko kritikaria Ferreira Edgar Allan Poeren mailan jartzera ausartu zen: bai, estiloa eta indarra hainbesterakoak ez zirela, baina idazle handiaren ezpalekotzat har zitekeela Ferreira; zalantzarik gabe, etorkizun oparoko idazlea. Begi bistakoa zen harrokeriaz puztutako kritika zela hura, probokazio hutsa, polemika sortu eta lehenago ere saldutako produktua berriro saltzeko asmoz egina. Nolanahi ere, erantzun andana azkarra eta erabatekoa izan zen. Askok esan zuten “Honeymoon in cellar” plagioa besterik ez zela; ez agian lan bakar baten plagioa, baina bai Poeren irudirik ezagunenetako batzuk jasotzen zituena, eta esku ezin traketsaren eskutik, gainera. Zehatzagoa izan zen The Finger ezizenez sinatzen zuen kritikari entzutetsu batek, konpetentziako egunkari batean, noski: “Ideia berririk ekartzen ez duenez, faltsifikazioari eskatu ahal zaion guztia antzekotasuna da, jatorriarekin bat etortzea, alegia, maisu-lanaren ilusioa berpiztu dezan. Bestela, imitazio hutsa da, patetikoa, bizarra kendu nahi duen tximuaren esku baldarraren antzeko. Edgar handiak barkatuko ahal dit lizentzia, plagioa”. “Zalantza daukat”, idatzi zuen beste batek, “Ez dakit Central Stationeko prentsa kioskoan saltzeko duina ote den. Ez naiz txantxetan ari: han, Ferreiraren folietinarekin alderatuta, Street & Smith etxeko maisu-lanak aurkituko ditu bidaiariak, hala nola Sonorako urrezko errebolberra edota Billy City-ko eskurik azkarrena, askozaz entretenigarriagoak trenaren balantzan irakurtzeko. Zinez, harrigarria da New Yorker Daily Newsek horrelako zaborra argitaratu izana. Edo agian ez da hain harrigarria”. Baina, hori baino, zinez harrigarria izan zen literatura lan serioak aztertu ohi zituzten kritikari ezin serioagoek horrenbeste neke hartu izana, zertarako eta Ferreiraren ipuinari kritika egiteko. “Ez dagokit niri lan hau egitea”, aitortu zuen The Fingerrek arestian aipatutako artikuluaren hasieran bere burua zuritu nahian edo, “...baina letra handien eremuan bastardo bat sartzen saiatzen bada, nirekin egingo du topo, eskuak zikindu behar baditut ere!”. Ezinbestez, New Yorker Daily News egunkarikoek irribarrez irakurri behar izan zituzten hitz horiek guztiak, zalapartako harrabotsen artean txin-txin metalikoak entzun ustean. Usteak ustel, abuztuaren amaierako ematen zuen konpetentziako egunkarien arteko lehia besterik ez zena bere horretan geldituko zela, laster ahazteko, laster beste bati ekiteko, batez ere hormen artean hilobiratutako emakumeari Sonorako urrezko errebolberra uste baino errazago gailendu zitzaionez geroztik. Baina, orduan, ezustean, New Yorkeko poliziak Ferreira atxilotu zuen. Plagiorik edo literaturaren letra loriak lohitzea ez, erailketa leporatu zioten, hain zuzen ere, bere errelatoan deskribatutako erailketa. Albistea azkar zabaldu zen hirian. Jende arruntak, Central Stationeko sarrera erraldoian hara hona ibiltzen den harexek berak, ez du kritika literariorik irakurtzen, ez lehen ez orain. Benetako krimen bat, berriz, denik eta publizitate kanpainarik onena da, eta denbora gutxian “Honeymoon in cellar” agortu egin zen. Laster zen kalean beste argitalpen bat. Denek jakin nahi zituzten krimenaren zehaztasunak, eta banatzerakoan istilurik ere ez zen falta, bereziki saltzaileen artean. Berandu, baina, fiskalak ale guztiak bahitzeko agindu zuen. Halaxe egin zuen poliziak, gero aleak prezio beltzez saldu bazituen ere. Orduan, New Yorker Daily Newsek egunkarian bertan errelatoaren moldaketa atera zuen, Ferreiraren lana ez, kazetari lana zelakoan. Debekuak, beraz, ezin zion eragin. Arazoa izan zen segituan beste egunkariek ere gauza berbera egin zutela, hain zuzen ere, benetako gertaerak baldin baziren, ez zegoelako egile eskubideak errespetatu beharrik. New Yorker Daily Newsek auzitara eraman zituen, fiskala sartu zen tartean, eta ika-mika hartan aritu ziren, harik eta Kristopher Pointek denen arreta erakarri zuen arte. Denek elkarrizketatu nahi izan zuten. 2 Kristopher Point izeneko gizasemea zamaketarien arduraduna zen Hego Manhattaneko portuko seigarren nasan. Berrogei urteak pasata, potolo samarra, mozkotea, burusoila eta musugorria zen. Itxura hartaz ez zuen inor kikildu beharko, baina jakin behar da mazoa zein labana ederki dantzatuz iritsi zela kargu on hartara. Aspaldidanik, gaztetan ez bezala, inor ez zen aurre egitera ausartzen; ez, bederen, seigarren nasa hartan ezagutzen zuen inor. Gerritik zintzilik eramaten zuen mazoan koska asko eginak zeuzkan halakorik gerta ez zedin. Zamen joan-etorrietan galdutako kutxei esker harategi bat erosi zuen lehendabizi, Madison kalean, portutik ez oso urrun; eta handik urtebetera, 1902an, bi pisuko etxe bat, harategiaren ondoan, Marie bere emazte ezkonberriarekin bizitzeko propio erosia. Marie harategiaren aurreko jabearen alaba zen, eta halaxe egin zen bien arteko ezagutza. Bizitza berriak lasaitasuna eta egonkortasuna ekarri zizkion Kristopherri, bai eta halakoetan ohikoa izaten den nagikeria ere. Berak lapurtutakoa inork ez lapurtzeko hara-hona ibili gabe, bere ardura, berezko lanez gain, kapatazeek hartutakoaren portzentajea jasotzera mugatzen hasi zen. Horretarako, bulegoan sartu-irteerako paperei begiratu besterik ez zuen. Kapatazeek ezinbestez ordaindu behar zioten, Kristopherrek kontabilitatea beraien alde faltsutuko bazuen; bestela, poliziaren aurrean lapurreta-salaketari erantzun beharko zioten. Poliziek ere, noski, portzentajearen portzentajea jasotzen zuten, eta garraiolariek, eta ontzietako kapitainek. Hobe zen hala, gainera: bakar bati etekin handiagoa ematen baitio esku askoren lanak, bakar baten eskuak isildutakoak baino. Kristopherren zorroa gizendu egin zen, eta bere sabela ere bai. Nasako bulegoan orduak luzeak ziren oso zamalanik gabe, eta Kristopherrek, kartetan norekin jokatu ez zeukanean, beisbolean aritzen zen biltegian, piloten ordez arratoiak mazoaz jotzen eta aurreko kutxaren baten kontra bidaltzen, ia kirrinkarik egiteko astirik eman gabe. Libertimendu hura zeukan, asperraldiaren mamua uxatzeko. Nekatzen zenean, berriz, bulegora itzuli eta egunkari edo aldizkariren bat irakurtzen zuen lasai, baldin eta beste zereginik sortzen ez bazitzaion. 1904ko abuztuan iritsi zen bere eskura “Honeymoon in cellar” errelatoa. Goizean tranbia hartzerakoan mutil saltzaile bati erosi zion hamar zentaboren truke. Krimen baten berri ematen zuela ohartzeko ia astirik hartu gabe, emazteak prestatutako ogitartekoa biltzeko erabili zuen, zatar-paperaz bildurik lehenago ere, baina zartaginean erretako zerrak berotasunik gal ez zezan. Metalezko kutxan sartu zuen gero, kafe-termoaren ondoan. Tranbiak Fulton arrain merkatuan utzi zuen, azken geltokian, portuaren ondoan, eta Kristopherrek aurrera egin zuen nasa nagusitik. Seigarrenera iristeko milia erdia oinez egin beharrean, bazeukan portuaren paretik zihoan South kaleko tranbia hartzerik, egin ohi zuen bezala, baina goiz hartan Stu Peterson hirugarren nasako arduradunekin hitz egin nahi zuen. Garrasi batean aurkitu zuen laguna, garabien gorabeheren eta kutxen joan-etorrien artean, buruko txano gorria etengabe erantzi eta jantzi, zamaketarien baldarkeriak eragindako amorruaren adierazgarri. Besoa altxatuz agurtu zuen Kristopherrek berarenganaino bitartean. Distantziatik Stuk buruaz hitzik gabeko agurra itzuli zion. Ahopeka zenbaki batzuk elkartrukatzea nahikoa izan zen bien artekoa erabakitzeko. Stu berriro hasi zitzaien oihuka zamaketariei; Kristopherrek bere bideari jarraitu zion. Seigarren nasan, berriz, apenas zegoen mugimendurik; bi ontzi amarraturen kulunka antzemanezina eta orgatxoari motel bultzaka zetorren agure baten zabuka, besterik ez. Badia urdin bare. Bero sapak nasako egurrari galipota isurarazten zion, izerdi beltza bezalakoa. Galipotaren lurrin kirats beroa. Kaio batzuk kutxen inguruan zebiltzan, hegan egiteko alfertuegi. Agurea haien paretik igaro zenean, ez zuten karranka egiteko nekerik ere hartu. Arratsalderako lana iragarrita zegoen; orduan zalaparta handia izango zen, ez lehenago. Kristopherrek bulegoko ustezko freskotasunean bilatu zuen babesa. Egonean zeuden langile batzuk handik bidali zituen zakar. Eguzki galdatan egindako paseoak aldarte txarra ekarri zion. Bere mahaiaren atzean eseri eta atzeko leihoa ireki zuen, badiatik haize bolada freskoren bat noiz etorriko. Egunekoak aztertzen ordubete eman ondoren, kikara zikin batean isuri zuen termoko kafea. Oraindik bero-bero zegoen. Aldizkarian bildutako ogitartekoa kutxatik atera eta mahai gainean utzi zuen paparrean zapi zikina jantzi bitartean; bestela, emazteak errieta egingo zion etxean. Kristopherri ogia mela-mela eginda egotea gustatzen zitzaion, odol-saltsatan bustita; haragia, berriz, epelago egon balitz, hobeto. Halere, usainak katu marroi-beltz melenga baten kexua ekarri zuen leihotik. Kristopherrek ez zion kasurik egin. Ogitartekoari heldu eta, liburuxkaren azala aztertu bitartean, zenik eta aho zulo beteta hasi zen eztarri zabaletik behera irensten. Bi polizien espantuek barregura eman zioten, baina ezkongaiz jantzitako eskeleto momifikatuak hotzikara eragin zion. Berehala gogoratu zen bere Mariez, eta mundu honetan oso pertsona gaiztoak daudela pentsatu zuen. Berak buru asko kraskatuak zituen mazoaz, lepo batzuk moztuak zituen labanaz, borroka garbian eta ez garbian. Prostitutak ere ederki jipoituak zituen gaztetan eta hain gaztea ez zenean. Baina, nola egin ziezaiokeen halakorik gizaseme batek andre bati? Ezkontza soinekoak egiten baitzuen andre irudiko eskeletoa. Kristopherren egonezina benetakoa zen, zeren eta, bere ustez –eta, halaber, beste askoren ustez–, egunkariko albisteak bezain errealak ziren errelatu haiek, Sonoran zein New Yorken kokatuak izan, benetan gertatutakoak paperean inprimaturik egote hutsagatik. Jakina, haietako asko –ez, halere, Ferreirarena, kasu– benetako istoriotzat saltzen ziren, hala nola, Billy The Kid edo Jessie James haragizko pertsonaiek ustez egindakoak, alegia. Formatuak berak errealitatea eta fikzioa nahasten zituen, gaur egun ere gertatzen den bezala. Ezjakintasunaren bidetik etorritako arrazoinamendutzat har liteke, agian inozokeriak eragindakoa, hala nola ume batek ipuinetako sorgin eta mamutzarrengan sinisten duenaren pareko. Zuzenagoa izango litzateke, ordea, usteari zentzu praktikoa aitortzea, inoiz gertatu ez direnak asmatzea baino samurrago ulertzen baita benetakoak kontakizun edo hizpide bilakatzea, bereziki hain makabroak direnean. Nolanahi ere, Kristopher Point uste horretan murgildu zen “Honeymoon in cellar” errelatoaren irakurketan, eta hura funtsezkoa izan zen irakurtzen bukatu orduko zuzenean polizia etxera jo zezan. Ez zitzaion otu idazleak, Ferrerirak, Madison kaleko etxea ondo ezagutu eta baliabidetzat hartu zuela edo, bestela, kointzidentzia hutsa zela. Eta hasieran bai, hasieran Kristopherri berari krimena gertatutako etxea bi pisukoa izatea eta harategi baten ondoan egotea dibertigarria ere iruditu zitzaion, gauean ohean emazteari kontatzeko modukoa. Irakurtzen jarraitu zuen: halako gelen banaketa, halako tximinia, halako eskailera...; baina etxearen deskribapen zehatzago hark berez kasualitatearen arrastoan jarrai zezan baino ez zuen ekarri: “serendipity”, esango zuen hitz hura ezagutzera. Izan ere, asko eta asko izan zitezkeen New Yorken harategi baten ondoan zeuden etxeak; bi pisukoak gero eta urriagoak, baina ez gutxi artean, eta denak antzekoak, bai kanpokoak bai barrukoak, iragan berri zen mendearen lehen erdian eginak, hiria gorantz hasten hasi baino lehen. Kasualitate polita emaztea lehendabizi beldurtu eta gero besoen artean kontsolatzeko. Nola azaldu, ordea, errelatoan jasotzen ziren zehaztasun ezin zehatzagoak? Sarrerako beirate hura, adibidez, latinez idatziriko hitz berberak jasotzen zituena: Domus semper tibi sit? ; edo eskailerako eskudelaren hasieran zizelkatutako lehoiaren buru begi okerra? ; edo kolokan zegoen zazpigarren mailako ohola, Kristopherrek hamaika aitzakia medio oraindik konpondu gabe zeukan huraxe bera? (...) Jeremiasek, emazte ezkonberria besoetan hartuta, –irakurri zuen Kristopherrek berriro pasarte bera, artean sinetsi ezinik– etxean sartu baino lehen sarrerako beiratean zegoen leloa irakurri zuen ahoz gora, “Domus semper tibi sit”. Eskaileren aurrean pausatu zuen gero, ezti eta gozo, emaztea hankan zauritutako bildotsa balitz bezala, eta halere Elisabeth neskatila herabetiak beldurrez heldu zion eskudeleko lehoiaren buruari oreka ez galtzeko. –Begi okerra da lehoi hau! –Esan zuen irribarretsu. Baina Jeremiasi erantzuteko astirik eman gabe, eskaileretan gora abiatu zen neska, ero moduan, senarrak egindako promesa benetakoa zela sinetsi ezinik, zinez andre batentzako etxe dotore batean biziko zela. –Kontuz maila horrekin! Zazpigarren mailan oreka galdu zuen kolokan zegoen oholaren erruz. Atzetik bi beso indartsuk heldu zioten. Jeremiasek berriro airean hartu eta musu eman zion ahoan.(...) Hotzikara batek zeharkatu zion bizkarra Kristopherri. Adorea bildu behar izan zuen irakurtzen jarraitzeko. 3 Fulton kaleko komisariako buruak bi agenteri agindua eman zien Kristopher Pointi etxeraino lagun ziezaioten, badaezpada, bere esanetan kontu hura oso susmagarria zelako, oso arraroa. Hitz horiek esatean, Kristopherri begiratu zion. Ziur aski, bera ezagutu ezean, ziega batean sartuko zuen, badaezpada ere. Baina polizia burua portuko azpilanen portzentajea jasotzen zutenen artean zegoen, eta begirunea ez bazen, estimua zor zion seigarren nasako arduradunari. Gainera, zinez eskertzen zituen Kristopherren zerrak, hiriko haragirik onena, are gozoagoa opari izanda. Ibilaldi azkar eta isila egin zuten bi poliziek Madison kaleraino Kristopherren pausoei jarraituz, kaleko fruitu eta barazki postuen artetik, tarteka harakinak ematen zizkien argibideei jaramonik egin gabe, etxea halako zenbakitan zegoela eta hurrengoa bere harategia zela, hiru langile zituela han, baina proiektu gehiago zituela... Hura guztia bazekiten poliziek, eta gainerakoa ere bai. Garrantzirik gabeko datuak ziren, bere burua nabarmentzeko eginak, harrotasunagatik, edo agian autoritatearen aurrean gizakume hutsa ez zela erakusteko beharra sentitu zuelako. Bazela nor hiriaren alde hartan, alegia. Hilketa bat zegoen tarteko, ustez, eta badaezpada zuhurtzia komenigarria zen, ez ote zioten berari ezer leporatuko. Etxe aurrera iritsi zirenean, harategia seinalatu zien: —Nik gorpurik desagerrarazi nahiko banu, hortxe egingo nuke —esan zien irribarrez. Poliziak hotz-bero geratu ziren, zur begira, eta Kristopherrek burua makurtu behar izan zuen kikildurik, patriketan giltza bilatu aitzakian. Aterainoko eskaileratxoak igo zituen gero, baina emaztea aurreratu zitzaion barrutik, senarraren ahotsak erakarrita. Irribarre urduria zeukan, zorigaitzaren beldur hara-hona begira, senarra desgarai hartan ikusteagatik, eta konpainia harekin, eta espaloian jendea ikusmiran pilatzen hasia zelako. Azalpenik eman gabe sartu ziren arrapaladan barrura hirurak, Kristopher buru zela. Agenteek kapela altxatu zuten emakumearen aurrean pasatzean. Gero, museo batean egongo balira bezala, Kristopherrek etxe barruan gidatu zituen agenteak, eskuan errelatoa hara-hona seinalatuz, bertan idatzitako guztia bere etxearekin bat zetorrela ikus zezaten. Emaztea atzetik jarraitu zitzaien, batetik lasaiturik agenteen jarrera lagunkoia zela ikustean, bestetik gero eta larriago ezer ulertzen ez zuelako. Geldialdi bakoitzean, Kristopherrek pasarte esanguratsuren bat irakurtzen zuen ozenki, agenteek zela hau zela hori aztertzen zuten bitartean. Bikoteak baietz egiten zuen etengabe burua astinduz, noiz edo noiz begiradak elkartrukatzen eta, azkenerako, susmotik usterako bidean, sotora eramateko eskatu zioten ibilbide makabro hartako gidariari. Marie emaztea lehertu egin zen orduan, arren esateko zer ari zen gertatzen, zer zela-eta hura guztia. Senarrak, aldizkariko azala aurrean jarri eta supituki erantzun zion sotoko horma baten atzean gorpu bat zegoela. —Hori ikusteko dago —arrapostu zion agenteetako batek. Eskailera nagusien azpiko atetik behera abiatu ziren hiru gizonak kriseiluak eskuan. Sotoan argindar instalaziorik ez zegoela-eta, desenkusatu egin zen Kristopher, eta arretaz ibiltzeko eskatu. Emaztea atearen ondoko bankuan eseri zen, nerbioak airean. Areago asaldatu zen handik minutu batzuetara agenteetako bat atzera igo eta mailua edo pikotxa behar zutela esan zionean. Mariek kalearen bestaldeko tailerrera jotzeko erantzun zion. Aurkikuntzaren unea gehiegikeria sentsazionalistak eragindako azal haren antzekoa izan zen oso, bi poliziak espantuz beterik, batak kriseiluari buru gainetik eusten ziola, besteak pikotxari, eta bien artean, hilobi batean bezala, ezkontza-soineko zuriz jantzitako eskeleto momifikatu bat. Alde bakarra, bi agenteez gain, Kristopher Point, tailerreko langile pare bat eta kaletik sartutako begiluze batzuk ere bazeudela han. Adreiluzko horma baten atzean aurkitu zuten, bi zutaberen arteko hutsunea izandakoan. Halaxe jasotzen zen errelatoan eta hantxe topatu zuten. Adreilu batean egindako marka ere bat zetorren idatzitakoarekin, baita sotoaren altuerari zegokion datua ere. Kristopherrek komisarian bertan esana zuen etxea erosi zuenetik deigarria egin zitzaiola sotoa hain baxua izatea. Azalpena, noski, errelatoan ere aurkitu zuten: antza, hiltzaileak horma guztietako beheko adreilu zaharrak berriekin ordezkatu zituen horma faltsua egiteko, emaztearen desagerpenak zain txarra jotzen bazuen, sotoaren buelta osoan inork aldaketarik suma ez zezan; eta, gero, lurraren gainean egurrezko lurzorua altxatu zuen beheko adreiluen falta ezkutatzeko. Hurrengo egunetan egin zituzten ikerketetan errelatoko datu hori ere baieztatu zuten. Kristopherrek eskeletoaren eskumuturren inguruko lokarriez ohartarazi zituen agenteak. Lokarri mehea zen, itxuraz sendoa eta hamar bat buelta emanda gogor lotua, harrezkero eskumutur momifikatuetan laxaturik bazegoen ere. Agenteek gorpuzkinak arakatu bitartean, Kristopherrek eskaileretako maila batzuk igo zituen goiko atetik zetorren argiaren bila. Beste pasarte bat irakurtzeari ekin zion, apaiz beldurgarri batek pulpitutik Ezekielen mendekuak aldarrikatuko lituzkeen bezala: Jeremiasek sotoko lurzoruan utzi zuen emaztea. Artean konorterik gabe, burua alde batera eta bestera mugitzen zuen gaixoak. Esnatu ez esnatu hartan, gizonak sotoko eskailerak igo eta atea itxi zuen, han gertatu beharrekoen zaratarik kalera hel ez zedin. Dena zeukan prestatuta. Patrikatik lokarria atera zuen Elisabeth lotzeko. Lokarri mehea erabili zuen, liburu paketeak lotzeko erabiltzen den bera, buelta eta buelta. Azal leun eta zurbilari odola isuri zitzaion, hain gogor estutu zizkion eskuak eta oinak. Elisabethen ahotik kexu hasperena atera zen, amesgaiztoan balitz bezala. Ez zekien amesgaiztoa esnatzean hasiko zela... Agenteetako batek erretxin samar isiltzeko agindu zion, eta bi urrats luze egin zituen aldizkaria eskutik kentzeko. Kristopherren dramatismo antzeztu hura onargarria izan zitekeen goiko solairuan, baina ez sotoan, gorpuaren aurrean. Kristopherrek otzan makurtu zuen burua. Agenteak ahoz gora irakurri zuen azaleko izenburua, ondoren egilearen izena. Arratsalde hartan bertan atxilotu zuten Ferreira, Laffayette kalean alokatua zeukan gelan, New Yorker Daily Newsek poliziari emandako argibideei esker eta egunkariko kazetari batek lagunduta, George Cook beteranoak. Gauean, ordura arte kolaboratzaile loriatsua izandakoari traizioa eginez, egunkari horrexek berak eman zuen atxiloketaren esklusiba, azalera erakarrita eta gerra baten hasierari ematen zaion garrantziaz. Barruko orrialdeetan errelatoaren pasarte esanguratsu batzuk aurkitu zituzten irakurleek, errelato osoa abuztutik argitaratuta zegoelako albistearekin batera, osorik irakurri nahi bazuten. Baina, izatez sentsazionalistena, eta horrenbestez traiziorik handiena, Ferreirari zegokion atala izan zen. “Hiltzaile idazlea”, zeukan izenburu. Bertan, deskribapen psikologiko eta fisiko ankerra egiten zitzaion: “Ez zaio inolako traturik ezagutzen emakumeekin –Madison kaleko andre gaixoa izan liteke bakarra, denok ezagutzen dugun emaitza tamalgarriaz–. Ezkerreko eskua eskularruz bilduta darama beti, eta patrikan sartuta, jaiotzetik pairatzen duen deformidadea ezkutatzeko. Esaten da esku batena baino animalia baten apatx baten itxura daukala. Ziur aski zorigaitz horrek bere ingurutik uxatu du emakume oro, eta horren ondorioz beste sexukoen aurkako gorroto itsua sortu da bere baitan. Hordi ospea ere badauka, baina datu honek ez du inor harritu behar, hain zuzen, ardo-artekari portugaldar baten semea delako. Gainera, egunkari honek jakin du aita ezaguna zela Bostongo burdeletan prostitutak jipoitzeagatik, eta horietako bat omen zuela idazleak ama. Zortea izan zuen, ordea, aitak bera ezagutu eta ikasketak ordaindu zizkiolako, besteak beste irakurtzen eta idazten ikas zezan. Gizon hark jakin izan balu semeak heziketa hura krimen lazgarriak aitortzeko erabiliko zuela, agian patrikan gordeko zituen sosak. Orain badakigu Ferreirak Poeren narrazio makabroak baldar plagiatu ez, maisuki errealitatera eraman dituela.” 4 Atxiloan Ferreirak baieztatu egin zuen berak idatzitakoa zela errelatoa, hilketa akusazioa behin eta berriro ukatu zuen arren. Izan ere, deskribaturiko gertaera eta pertsonaia guztiak asmatuak omen ziren, irudimenetik sortuak. Ezin izan zuen azaldu, ordea, zergatik agertu zen gorpu momifikatu hura Madison kaleko soto hartako hormaren atzean, hain zuen, berak deskribatu bezala-bezalaxe. Horrenbestez, polizia buruak ezin zuen ulertu begi-bistakoa ukatzeko seta hura. —Baina badakigu nola egin zenuen! Badakigu zergatik egin zenuen! Badaukagu gorpu bat! —eta mahaitik paper bat hartu zuen. Errelatoaren sinopsia zen: Jeremias Crow izenekoak –“Hau da, zuk”, gehitu zuen polizia buruak– desengainu handia jaso du bere aurreko emaztegai batek ezkontza-egunean beste gizon batekin ihes egin duelako. Antza denez, Jeremiasen benetako izaeraren berri eman zioten andre honi, pertsona iluna dela, bortitza oso, emakumeak menpean edukitzea gustuko duena, urte batzuk lehenago espetxean egona zela tratua ukatu omen zion prostituta bat labanaz hiltzeagatik, baina emagaldua zenez, ez zen luzaro itzalpean egon. Beraz, laburtzeko esan behar da Jeremias Crow –“Hau da, zu”, berritu zuen poliziak– pertsona desorekatua dela, bortizkeriarako eta hilketarako joera duena. Plan bat prestatu du emakume bat berarekin betiko gera dadin (errelatoaren hasieran ez da zehazten, baina gero emaztea sotoan hilobiratzea dela jakingo da). Horretarako, Albanyra jo du, han inork ezagutzen ez duelako. Lentzeria-komertzial baten plantak eginez dendari askorekin sartu da harremanetan, harik eta Elisabeth Mirrow hogeita bost urteko gazte batek ezkontzan onartu duen arte. Familiarik gabekoa da, Ohioko izeba kenduta, eta Albanyra iritsi berria; Jeremiasen asmoetarako oso egokia, beraz. Ezkondu orduko, New Yorkeko etxera eraman du. Bertan, ezkontza kontsumatu dute, baina, halako batean, Jeremias jotzen hasi da emaztea konorterik utzi arte. Berriro ezkontza-soinekoa jantzi eta sotora eraman du arrastaka. Bizirik hilobiratu du bi zutaberen arteko hutsunean. Dena prestatuta zeukan horretarako (txostenean daude zehaztasun guztiak). Krimena zigortu gabe geratzen da, baita ezagutu gabe ere, urte askoren buruan etxearen jabe berriak gorpua aurkitzen duen arte. Jabe hori, gainera, narratzailea da, eta etxean bizi denez geroztik pairatzen dituen amesgaiztoen harira ikertzen hasiko da. Hildakoaren espirituaren agerpenak eta azalpen arrazionalik ez duten gertaerak deskribatzen dira istorioaren hasieran. Azken honek, ordea, ez dauka inolako garrantzirik polizia ikerketarako. —Baina krimen hau ez da zigortu gabe geratuko, ez horixe! —eta polizia buruak Ferreira lurzorura bota zuen ukabilkada itzel batez, aulki eta guzti. Lehen galdaketa horren ondoren, Ferreira komisariako sotora eraman zuten. Bertan biluzarazi eta hamaika argazki egin zizkioten, bereziki ezkerreko esku deformatuari. Egunkariak argitaratutako datu ugarien artean hau egiazkoa zen, animalia baten apatxaren itxurarik ez bazeukan ere; alabaina, hatz guztiak itsatsita zeuzkan, itsas-txakur baten hegala balitz bezala. Gero, horma eta lurzoru lauzatutako ziega batean sartu eta presiopeko hodi-malgu batez ur hotza bota zioten. Hartan bukatu zutenean, agente batzuk borrez jotzen hasi ziren, errugabetasunean tematzen ote zen galdetu bitartean, baina erantzuteko ere aukerarik eman gabe. Arnasestua gelditu zirenean, errugabea zela zezeldu zuen Ferreirak, eta gogorrago jo zuten. Bukatzeko, Elisabeth gizajoak zer sentitu zuen jakin zezan, armairu baten tamainakoa zen zulo batean giltzapetu zuten, biluzik eta blai, urez eta odolez, ia konorterik gabe. Komisariara galdezka ausartu ziren kazetari amateurrak zaunkaka uxatu zituzten barrukoek. George Cook beteranoak, ordea, lasai afaldu zuen ondoko kaleko dinner batean, eta horrela, polizia buruaren beraren eskutik, erraz jakin zuen galdaketen emaitza eskasa. Poliziaren tratua jaso ondoren eta hilketa leporatzeko hain froga nabarmenak edukita, Ferreiraren tema espekulazio psikologikorako bazka izan zen egunsentiko alean: ez ote zuen modu inkontzientean aitortu urte batzuk lehenago egin eta kontzientziaren zama eraman ezinak ahantzarazi zion krimena? “Egunkari honek hiriko aditurik onenetakoei galdetu ondoren, aukera hau ezin da baztertu”, idatzi zuen Cookek, zehatz-mehatz zein adituri eta gaueko zein ordutan galdetu zioten argitu gabe. Irakurleek espekulazio haiek hausnartu bitartean, berriro polizia buruaren aurrera eraman zuten Ferreira- Orduan, deklarazioa aldatu egin zuen. Negarrez hasi zen. Hautsez betetako gela baten erdian zegoen, aulki batean eserita, bilurrak eskuetan eta oinetan, lurzoruko ohol luze eta higatuen arteko zirrikituetan oinetako zola sartu nahian, handik ihes egin nahiko balu bezala. Bere aurrean leiho bat, sei laukitan banandua, eta tartean mahai bat; bertara polizia burua eserita. Haur baten lotsaz, burumakur, Ferreirak esan zuen istorioa ametsetan etorri zitzaiola, ametsetan ezkontza-soinekoz jantzitako andre bat agertu zitzaiola, berak erakutsi ziola dena... 5 “Honeymoon in cellar” errelatoan –“aitortza lirikoa” deitu zion konpetentziako kritikari batek isekaz, New Yorker Daily Newsen genero literario berria sortu zutela aldarrikatzeko– funtsezko froga aurkitu uste izan zuen poliziak Madison kaleko hilketa Ferreirari leporatzeko. Baina fantasiazko errelato bat aitortzatzat hartzera eraman zuen logika hura begi-bistakoa bezain ganorabakoa zen, orojakile ezjakinen fruitu mediokrea baino ez, eta egunak joan egunak etorri beste bat gailentzen hasi zitzaion; baina, funtsean, ziurrenik, torturaren gatibu egon zen bitartean, Ferrerirak inoiz erailketa bere gain hartu ez zuelako. Bestela, zitekeena zen kasua azkar ixtea ikerketa gehiago egin gabe, egia eta Ferreiraren patua geroko epaiketaren zain utzita, abokatuaren trebeziaren eta interesaren esku. Benetako aitortzarik ezean, ordea, fiskalak frogak eskatu zizkion poliziari. Lehenik eta behin, ezin izan zuten inola ere Ferreira Madison kaleko etxearekin lotu. Azken jabea Kristopher Point zen, eta honek Willian Falls izeneko bati erosi zion; Falls jaunak, berriz, enkante publikoan erosi zuen, ordudanik hogeita hamar urte baino gehiago zirela. Urte haietan guztietan, noski, Ferreira ez, beste inor bizi izan zen han. Konplizitatearen hipotesia aztertu zuten orduan, agian Ferreirak berak ez, beste batek beraren laguntzaz egin zuela, alegia. Kristopher Pointekin tematu ziren lehendabizi, Willian Fallsekin gero, baina bide itsuak izan ziren guztiak. Azkenean, forentseak txostenean baieztatu zuen gorpu hark gutxienez berrogei urte zituela, eta ziur aski berrogeita hamar; beraz, hilketa 1860ko hamarkada aldera gertatu zela. Ferreirak hogeita hamaika urte edukita, ezinezkoa zen hiltzailea izatea, ezta Point edo Falls ere. Erregistrora egindako bisita bati esker jakin zen garai hartan etxearen jabea Jessie Smith izeneko bat izan zela, 1877an oinordekorik gabe zendua. Etxea Konderriaren esku geratu zen, eta handik urtebetera erosi zuen Fallsek. Jessie Smithen gainean frogatu ahal izan ziren datu guztiak Ferreiraren errelatoan jasotakoekin bat etorri ziren, eta epaiketarik egin ezinik ere, Madison kaleko emakumearen hiltzailetzat jo zuen poliziak. Emakumearen izena, ordea, ezezaguna da oraindik. Elisabeth Mirrow izan zitekeela baino ez zen esan, errelatoan jasotako bera zelako. Nonbait, egia juridikoak ezin izan zuen aintzat hartu amets baten bidez hildako batek egindako salaketa eta txosten ofizialerako hipotesia asmatu behar izan zuen: Ferreirak, nonbait, norbaiti entzun behar izan zion Smithek berak noizbait kontatutako istorioa, ahoz aho zabaldua, ziur aski taberna zuloetako mozkorraldietan. Ferreira askatu eta biharamunean, New Yorker Daily News egunkariak azalera ekarri zuen berriro albistea, oraingoan honako izenburuarekin: “Idazle bidentea”; “Biktima ametsetan agertu zitzaion bere istorioa konta zezala eskatzeko”, zehazten zuen azpian, idazlearen bertsioari helduta. Dirutza ere eskaini zioten Ferreirari lan gehiago bidal zitzan; espektroren batek aitortua ala asmatua, zehaztu ziotenez. Baina Ferreirak ez zien inoiz erantzun, ez New Yorker Daily News egunkarikoei, ez beste inori; areago, ez zuen harrezkeroztik ezer argitaratu, ez bazen izan hurrengo hilabeteetan “Honeymoon in cellar” errelatoaren hainbat argitalpen gehiago, jendeak, begi bakarrekoa izan ohi denez, interesa erakutsi zuen artean. Kongresuko liburutegian, behintzat, ez dago Ferreiraren bestelako erreferentziarik. Adituren batek John Truttwell izenpean 1909an argiratutako beldurrezko ipuin bilduma bat, “New York underground” izenekoa, Ferreiraren lantzat hartu du. Gehienek, ordea, izen hura goitizena dela ukatu gabe, liburu horren benetako egilea Hanna Willson dela esaten dute. Eztabaida horretan sartu gabe, egia bakarra da 1904. urtetik ezer gutxi jakin dela Ferreiraren ibilbideaz, aita hil eta herentziagatik diru kopuru handi samarra jaso omen zuela, besterik ez. Gero espektroa bezala desagertu egin zen. New Yorker Daily News egunkariak baino ez zion eutsi bolada batez harrapakinari. Zirujau baten lekukotza susmagarrian oinarriturik, esku deformatua moztu zuela argitaratu zuen; gero, bidente batek Ferrierarekin hitz egin zuela, hilda zegoela, beraz. Garai hartan sasoi betean zegoen okultismoan murgildurik ibili zela ere esan zen; eta, horren arabera, New Yorkeko talde sataniko batekin harremanak izan zituela. Gero Europara jo omen zuen, agian Frantziara. Hipotesiak hipotesi, 2003an azken hau indartu egin zen Claude Debussy musikariaren gutun pertsonal batzuek Sotheby´s enkante etxearen eskutik lehen aldiz argia ikusi zutenean. Horien artean ustez Ferreirak Debussyri idatzitako bat zegoen, 1912an J.F. inizialekin sinatua. Ezaguna zen lehenago ere musikari frantziarraren begikotasuna okultismoarekiko, hainbat talderekin harremanetan ere ibilia zela, besteak beste, Rennes-le-Château herriko Bérenger Saunière apaiz ilunaren inguruan sortutakoarekin. Giro hartan Ferreira ezagutu ote zuen? Gutunean ez dira argitzen Debussyren eta J.F. delakoaren arteko harremanaren nondik-norakoak, erabilitako tratua hurbilekoa baina formala dela baino ez. Pentsa liteke, ordea, gutunak “Honeymoon in cellar” errelatoaren inguruan gertatutakoei argia ematen diela, baldin eta J.F. hura Ferreira dela onesten bada. Egia esan, gutunaren edukiak zalantza gutxi uzten du. Hainbeste teoria egin direnez, ezin liteke izan oso ausarta beste bat proposatzea. Izan ere, gutunaren tonu hurbilak eta azalpen kutsuak zein aipatutako multzo horretako beste gutunen artean pertsona horrek idatzitako bakarra izateak aditzera eman dezakete Debussyk eta Ferreirak noizbait elkar ezagutu zutela –agian okultismoko bilera horietako batean–, eta Debussyk, kasuaz interesaturik, egoerak eta momentuak ahalbideratzen ez zuten azalpen luzeagoa eskatu ziola Ferreirari; handik gutuna, beraz. Bukatzeko, hona hemen pasarterik interesgarriena: (...) Beti esan nuen emakume hura ametsetan agertu zitzaidala, eta hau gezurra ez bada ere, ez da egiaren zati bat baino, jende aurrean aitortu nezakeen bakarra, batez ere gizarte amerikar ustez aurrerakoian. Oraindik daukat gogoan, atzo gertatu izan balitz bezala, ikusi nuen lehen aldia, eta ez zen ametsa izan. Istorio baten inguruan bueltaka aritua nintzen azken asteetan, ez aurrera ez atzera. Gaia –orain lotsatu egiten naiz esatean – ezin melengagoa zen, bi maitaleren arteko gorabeherak! Nire alde esan behar dut diru-goseak, edo beharrak, bultzatu ninduela hartara, ziur bainengoen amodiozko generoak etorkizun oparoa emango zidala, eta horrekin batera literatura lan serioa aurrera eramateko baliabidea. (...) Ezintasun hartan, egun ezin antzuagoaren ondotik, alokatuta neukan gelatik atera beharra sentitu nuen, itolarrian. Arratsaldea eta gauaren lehen zatia hiriko karriketan eman nuen, taberna batetik taberna batera. Errelatorako ideiarik bildu ez nuen arren, lasaiturik itzuli nintzen gelara, mozkor samar, baina neure buruaren jabe. Arropa erantzi eta ohean sartu nintzen. Orduan ikusi nuen, ezkon-soinekoz jantzitako emakume gazte bat zen, nire mahaira eserita eta paper batean idazten. Ez zen haragizkoa, kea bezain gardena baizik! Ez dakit zenbat denbora eman nuen hari begira, baina halako batean jaiki eta gelatik atera zen. Ireki gabe, atea zeharkatu zuen! Ikaratik neure onera etorri ahal izan nintzenean, mahaira hurbildu nintzen, baina ustez berak idatzitako paperean ez zegoen ezertxo ere, beraren soinekoaren zurbiltasun berbera. Biharamunean, nire buru arrazionalistak alkoholaren eldarnioei egotzi zien ikusitakoa. Hurrengo gauean berriro ikusi nuenean, berriz, txantxaren susmoa hartu nuen. Baina, hurrengoan, neure buruaren osasunez zalantzan hasi nintzen. (...) Emakume hura gauero agertu zen, eta gauero ohean iltzaturik ikusi nuen nik, altxatu edo ezer esan ezinik, berak mahaiko paper batean tinta ikusezinez idazten zuen bitartean. Egunez egun, ikaratik jakin-minera igaro nintzela ere esango nuke. Halere, ulergarria denez, berandu arte ez ninduen loak hartzen, baina gauaren onirismoak beti ematen dio txanda egunaren materia fisikoari, eta nik nire errelatoa idazten jarraitu nuen, edo esan behar dut idazten saiatu nintzela, hastapen onetatik abiatu arren, etengabe bide antzuetan galtzen nintzelako, istorioan aurrera egin ezinik. Jakina, oraindik ez nuen pentsatzen nire ezintasun hark gaueroko agerpenarekin inolako loturarik zeukanik. Orduan, nire hasierako asmoek beste bide bat hartu zutenean, istorioaren korapiloa askatzen hasi nintzen. Batzuetan hari batetik tematzen nintzen, alferrik tematu ere, azkenean istorioari zerion indar ezkutu batek beste bat hartzera behartzen ninduelako. Milaka irudi osa dezakeen puzzlea egitea bezalakoa zen, milaka pieza, baina bakarrak balio zuen. Konturatu gabe, amodiozko istorio melenga batetik hilketa lazgarri baten kronika idazten hasi nintzela konturatu nintzen. Istorio hura ez zen nire baitakoa, espektro hark diktatua baino. Errelatoa bukatu eta egunkarira bidali nuenez geroztik, ez zitzaidan berriro agertu. Goian bego diot orain! Basoan topatu zuten gizona Deblauki ireki zituen begiak. Ia ilunduta zegoen basoan. Hotzak hartuta zeukan gorputz osoa, pagoaren enborraren atzetik esku lotuek ziztada mingarriak bidaltzen zizkioten burura, orkatila lotuek ere bai, baina ez hain mingarriak. Zerbaitek esnatu zuen, zarataren batek. Bat-batean ahots gardenak iritsi ziren gizon lotuaren belarrietara: —Goazeman, hi, ilundu din! Zertan ari haiz? —Banoak, banoak! Ahotsak gainetik zetozen, goiko maldatik. Ahots gazteak ziren, mutilarena lehena eta neskarena bestea. Baina gizonaren burua ez zen erreakzionatzeko gauza. Pentsamenduak eta borondatea banandurik zeuzkan, elkarren arrotzak biak, ametsa zela, ametsa ez zela... Baina ez zen ametsa, eta hitzak uharka hasi zitzaizkion azkenean ahora iristen, lozorroaren ehun astuna urraturik. Tamalez, aho barruko galtzerdiaren ehuna urratu ezinik, hitzak ez ziren ur azpiko ume jolasa baino ulergarriagoak izan: "txepetxa haiz eta mokoak jaten dituk" edo "hemen, etorri, laguntza!". Ez zuen horregatik etsi, eta hankak aurrera eta atzera astintzen hasi zen orbelarekin zarata egiteko. Ekimena arrakastatsua izan zen. —Entzun al duk? Pausoak hurbiltzen entzun zituen lehen, esku argi baten izpi mozkorra ikusi gero. Neska ile motza eta mutil bizar zaharra ziren, hogeita bost urteren bueltan biak, baina piura alternatibo orokorra beste zehaztasunik ezin izan zien antzeman iluntasun nabarrean, antzeman baino asmatu. Ez ziren poliziak. Salbatzaileak ezin dira aukeratu. Geldi paratu zitzaizkion biak, geldi, zur eta lur, zer egin jakin gabe, baso batean inor zuhaitz bati lotuta inoiz ikusi ez balute bezala. Eta ez, inoiz ikusi gabe, erantzungo zuten. Ur azpitik garrasika hasi behar izan zuen berriro gizonak mutila esnatu eta mozala kendu ziezaion. —Joder, esango dizuet... Joder, ez dakit zenbat denbora hemen, zortzi ordu, edo hamar, zuhaitz puta honi lotuta... Zer ordu da? Autoa lapurtu didate eta hemen lotu eta gero, badakik,... —Hi, hi, lasaitu, askatuko haut. —Askatu, bai, moztu soka, benga, azkar... Mutilak buelta eman zion enborrari eta kokoriko jarri zen. Patriketan bilatzen hasi zen. —Joder, ez zeukak labanarik. Hik badaukan labanarik? —Ez. —Joder, mendira labana ekarri beharra zegok! —haserretu zen gizona. —Ba, ez diagu ekarri, ostia. Utzidak eta soka askatuko diat. Azazkal eta hortz aritu zen mutila puska batean sokarekin borrokan korapiloak amore eman zuen arte. —Joder, mila esker, mila esker, joder, askatu nauk! Orkatiletako soka gizonak berak askatu zuen, estu eta larri, mutilari laguntzen utzi gabe. Erabat libre geratu zenean, giltzadura guztiak karrankaka min batean zutitzea lortu zuen. Halere, korrika txikian abiatu zen metro batzuk harago, bi gazteak harrituta begira. Gogoz bota zuen txiza luzez, txorrota luzea eta gau hotzean lurrintsua. Egun osoan ez zuen edan, egarri zakurrak zegoen, baina sagardo botila bete joan zitzaizkion txilibitutik. —Urik bai? —galdetu zien gazteei itzuli zenean, eskumuturrak gogoz igurzten. Mutilak bere kantinplora eman zion. Apur bat baino ez zen geratzen, eta azken tanta ere atera zion. —Gehiago nahi? Ez dago asko, baina tira... —esan zion neskak bere kantinplora eskuan. Hura ere hustu egin zuen. —Telefonorik ekarri duzue? —Nik bai —erantzun zion neskak—, baina bateria agortu zaio. —Itzali ez huen, ba!—hartu zion kargu mutilak. Hura ez zen mendira joateko modua, baina oraingoan zuhurtziaren bidetik ez zien ezer esan. Azken finean, labanarik eta telefonorik gabe ere, bi ganoragabe haiek askatu egin zuten. —Joder, sinesgaitza izan da, sinesgaitza! —Baina nork lapurtu dizu autoa? Zer gertatu zaizu? —neskak deseroso galdetu. Mutilak besoak zabaldu zituen nabarmen ipurterre erantzuteko: —Joder, Maider, nork lapurtuko ziotenan, ba! Zer galdera! —Jo, ba, ze putada. Neskak, antza, ez zuen gaizki hartu mutilaren erantzun zakarra, apal eta burumakur mintzo. Mutila ere apaldu egin zen. —Gainera, guri ez zigun axola kontu honek. —Nik galdetu besterik ez diat... Gizonak hartu zuen hitza: —Aizue, barkatu, tartean sartzea, baina hobe dugu hemendik joan erabat ilundu baino lehen. Autorik ekarri duzue? —Bai, beheko pistan zeukaagu. —Ba, goazen. Maldan behera abiatu ziren ilaran, mutila aurrean argia eskuan zeramala, gero gizona eta atzetik neska. Argia, behintzat, bazeukaten. —Salatzera joango haiz, ezta? —Salatu beharko diat, ezta? Ziur aski mutila kalkuluak egiten hasia zela pentsatu zuen gizonak. Putada zen, bai, alukeria, eta errua berea zen, nolabait, gaztearen ikuspuntutik, bera zen zama astuna, eskatu edo espero gabe basoan aurkitua. Neskarekin etxera joan beharrean, poliziari deitu beharko zioten, deklarazioa hartuko zieten... Bera ere, noski, kalkuluak egiten hasia zen. —Neure kabuz askatzea lortu nuela esan ahal zieat. Mutilak ez zuen erantzun, neskak ere ez. Aurrera jarraitu zuten. —Kontuz ibili behar dugu. Baliteke poliziekin topo egitea, zera, nire bila etorrita... honezkero emazteak salaketa jarriko zuelako... Horiek ez dira txantxetan ibiltzen... Mutilak atzera eraman zuen burua gelditu gabe. Keinua ikusita, iradokitakoa ez zitzaion batere gustatu. —Badakik... orain dela urte batzuk sarekada egin omen zietean horrelako abisu batez... Orain ez omen dituk gozo agertzen... —Gezur kontatu zitean gazte haiek besterik gabe garbitu zituztela zuritzeko! —zuzendu zuen mutilak haserre. Gizona zalantzan geratu zen: —Ez zekiat, ba, orduan larriago ibili behar diagu... Denak isilik berriro, maldan behera, ilunpetan urrats bakoitza gero eta zailagoa. —Autoz etorri al zarete? —Bai, ez zegok urrun. Arestian esan zioten, zuhaitz ondoan, eta jakin arren galdetu behar zuen, hitz egin behar zuen. Urduri zegoen. —Laster iritsiko gaituk. —Hori lehenago galtzen ez bagara —bota zuen atzetik neskak, erdi txantxetan erdi serio. Bat-batean mutila ziplo gelditu zen, lurrari iltzaturik. Gizonak ia estropezu egin zuen berarekin, neskak ia gizonarekin. —Orduan, hire kabuz askatu haizela esango diek? Ezustean hartu zuen zuen galderak eta kostata ekarri zituen hitzak ahora: —... ba, bai... hala nahi baduzue... —Nik uste diat onena dela, guk ez daukagulako zerikusirik honekin... eta bestela... zertarako konplikatu gehiago? Nik ez zeukaat zer ezkutatu, e! Baina ez zidak putagraziarik egiten komisaria batean sartzeak. —Jo, Aimar, ez zekiat... —saiatu zen neska eztabaidan sartzen, baina mutilak ez zion bukatzen utzi: —Nahi baduk, errepideraino eramango haugu, eta hor hik ikusi. —Ba... ondo, ondo, horrela egingo diagu. Oinez joango nauk herriraino eta neure kabuz askatu naizela esango zieat... Martxan jarri ziren berriz, mutila buruan nabarmen bizkorrago. Ezin zuen ezkutatu baso hartatik ahalik eta lasterren aldendu nahia, sasietan zelatari begi gorriak etengabe asmatzen. Gizonak besotik heldu behar izan zion gelditu zedin. Neska atzean geratua zen iratzeekin borrokan, nondik egin aurrera asmatu ezinik. —Itxoin, itxoin. —Goazeman! Berandu dun! —kexatu zen mutila esku argiaz neskari bidea erakusten. —Zuhaitzera itzuli behar diagu —bota zuen gizonak ziplo. —Zuhaitzera? Ostia, berandu duk. Zer ahaztu duk? —Ez, ez duk hori. Zuhaitzera itzuli behar diagu, berriro lotu behar nauk. —Baina, zer diok? Hi burutik jota hago, ala zer? Gu bagoazak. Gizonak berriro heldu zion besotik, mutila segituan askatu. Gizona atzetik joan eta atzera heldu zion. —Ez, mesedez! Ez duk ulertzen! Mutilak buelta eman eta zakar egin zion aurre gizonari: —Ostia! Ederki ulertzen diat! Joder, hau putada duk! Putada handia, joder! Neska taldera iritsi zen, galdezka, ea zer gertatzen zen. Gizona orbelaren gainean saltoka hasi zen, zepoan harrapatutako basapiztia bezala. —Joder, ez duk ulertzen, ala? Ez zidatek sinistuko! Horiek gaizki pentsatzen ditek beti! Zer esango diet? Egun osoan lotuta eta neure kabuz askatu naizela? Nola, ba? Beste haiekin elkar hartuta nagoela pentsatuko ditek, antzerkia dela dena! —Esaiek egia, ostia! —Zuek nirekin etorri gabe? Edo ez zidatek sinistuko edo zuen bila hasiko dituk! Eta zuen izenak ere bazakizkiat orain! Maider eta Aimar! Segituan harrapatuko zaituztete! —Ez salatu ezer eta kito! Ez joan komisariara, joder! —Eta nire kotxea? Orduan susmoa ez, orduan asmatuko ditek sasikoekin nagoela! Kolaborazioa leporatuko zidatek! Kolaborazioa, gutxienez! Mutilak neskari besotik heldu zion aurrera jarraitzeko asmoz. —Goazeman hemendik! Eta hik nahi duana egin! —Joder, ba, geu ere deklaratzera joango gaituk, Aimar! —matxinatu zen neska—. Zein da arazoa? —Zein den arazoa? —zakartu zitzaion mutila—, Joder, batzuetan tuntuna ematen din! Honi sinisten ez badiote, nola sinistuko digute guri, ba! Eta ni ez noan komisaria batera! Atxilotuta ez bada, ni ez noan! —Zer ezkutatu daukak, ala? Joder, nik ere ez diat ezer egin! Ni perretxikotara etorri ninduan baso puta honetara! Baina zuek, zertara etorri zarete? Zer daukazue zorroetan...? —Joder, ez ukitu nire zorroa! Gizona eta mutila borrokan hasi baino lehen, neska tartean jarri zen. —Erotu al zarete? Une batez denak isildu ziren, geldi, basokoak bakarrik entzun: haizea eta urrutiko hontza. —Deklaratzera joan nahi ez baduzue, zuhaitzean lotu behar nauzue berriro! Joder, gaizki egin dugu hasieratik! —erregutu zuen gizonak—. Ez zegok beste aukerarik, ostia. Nire bila etorriko dituk eta kito, zuekin ez zegok ezer! Pentsatu baino errazago iritsi ziren zuhaitzera. Urduri zeuden guztiak, mutila gizona baino urduriago, lokarriak estutzen zizkion bitartean, kontu hura bukatu eta noiz alde egingo. Neska metro batzuetara gelditu zen, behin eta berriro atzera begiratzen, iluntasunari begiratzen. Minutu gutxi izan ziren, baina orduak bezain luzeak. Bukatu orduko, agur laburra bota eta maldan behera abiatu ziren bi gazteak, korrika txikian. Gizonak azkar galdu zituen haien itzalak ilunpean, dantzari urruntzen den ipurtargiaren moduko dirdira besterik ez. Laster ezer ez. Ilun zegoen basoa, isilik. Apenas antzematen zen argitasunik adaburuen artean. Ezin zuen sinistu egindakoa. Laster garrasika hasi zen laguntza eske, izuturik, baina aho barruko galtzerdiak sorgortzen zituen hitzak: "txepetxa haiz eta mokoak jaten dituk". Bost Salakot [2003ko Gabriel ipuin-lehiaketako XXI. Edizioko accesita jaso zuen ipuin honek] —Txantxetan, jauna? —erantzun zuen inspektoreak zakar; zakarrago nahiago, halere, aurrean zeukan gizonaren traje ondo ebakiak funtzionario ororen gutxienezko begirunea merezi izan ez balu. Zer ulertu geratu zen Martxelo, traje ondo ebakiko gizona. Ez zuen inondik ere halako erantzunik espero, ez estutasun hartan, eta inspektoreari begira geratu zen, aho zabalik, mutu, kopeta lapikoan haserreak gainezka egin zion arte: —Txantxetan ni? Baina txantxetan ari naizela uste al duzu? Kale bat desagertu da! Nola izan liteke! Nola izan liteke... —aulkitik altxatu eta noraezean hasi zen besoak airean, pausoka asaldatuago—: Nola liteke...? Nola liteke...? Inspektoreak arrangura hartan utzi zuen une batez, bakarrik bere onera etorriko zelakoan, baina begirada pausatu ezinik eta iletatik tiraka hasi zenean, altxatu beste aukerarik ez zuen izan. Atzetik oldartu zitzaion ahurrak sorbalda banatan jarriz, besoak jaitsiarazteko. —Jauna, lasaitu zaitez! Bareak hartu zuen Martxelo bat-batean, gihar guztiak nagi, amesgaizto batetik iratzarri bezala. Otzan begiratu zuen atzera, non zegoen ere ahaztuta; gogoratu zuenean, are otzanago onartu zuen beso haien indarra aulkirako bidean, bereak zintzilik, pauso txikian. Zaku betea bezain astun eseri zen. Ez zen konturatu atean agertutako polizia asaldatuaz, ez zen konturatu inspektoreak buruaz ezetz esan ziola, haren beharrik ez zuela bezeroa gobernatzeko. —Barkatu, barkatu, neure onetik atera naiz... —desenkusatu zen Martxelo, lepoa luze gorantz inspektoreari begira. Esertzera joan zen inspektorea. Martxelo jakako patriketan haztamuka ari zen urduri. Tabako paketea atera zuen, eta handik zigarro bat eraman zuen ezpainetara. Metxeroa bilatzen hasi zenean, inspektoreak besoa mahai gainetik luzatu eta ahotik kendu zion zigarroa. —Jauna, hemen ezin da erre, debekatuta dago. Orain kontatuko al didazu modu ordenatu batean zer gertatu zaizun eta zer salatu nahi duzun? Martxelok sakon hartu zuen arnasa. Aho sabaiko lehortasuna gorabehera, hitzak ondo ebakiz hasi zen, nola bazirela harrezkero bi ordu bulegotik itzuli zenetik, berandu samar, baina etxera iristean han ez zegoela ezer, ez etxerik ez kalerik, ez ezer. —Zer zegoen, ba, zulo bat? —galdetu zuen inspektoreak axolagabe. —Zulorik ez, noski! —zuzendu zuen Martxelok, hau da, bazegoela etxadi bat, baina etxadi hura bi zirela goizean, eta erdian bere kalea zegoela, bere kalea eta bere etxea, eta barruan bere familia, Felisa emaztea eta Felisa alaba. Orain berriz, bi etxadiek bakarra osatzen zuten erdiko kalea zanpaturik, batu izan balituzte bezala. —Baina hori ezinezkoa litzateke —erantzun zion inspektoreak. —Hori ezinezkoa da! Eta, hala ere, gertatu egin da! —Baina ezinezkoa gertatzea ezinezkoa da, jauna, eta orduan litekeena da helbidea nahastu izana...! Martxelok alboetara astindu zuen burua: —Ez, ez, ez, arren! Badakit nik non bizi naizen! Gaur, azken tranbia hartu eta Hirustako geltokian jaitsi naiz, Ilarion kalekoan; zuzen jarraitu dut handik Plaza Berriraino; hura zeharkatu eta Egurgileen kalean sartu naiz; banku ondotik pasatu naiz, okindegi ondotik, botika ondotik, supermerkatu ondotik... Martinen kapela denda zaharrera iritsi naiz eta, orduan, nire kalean sartzeko eskuinetara jo behar nuenean, ezin jo eskuinetara! Arrabita kalea desagertua zelako! Kapela dendatik harago etxadiak aurrera jarraitzen zuen! Inspektoreak jesarlekuan erdi etzanda entzun zion, ukondoa beso-euskarrian bermaturik, eskuarekin musua oratzen, beste eskuak mahai ertzean balizko pianoa jotzen zuen bitartean. Erlojuari begiratu eta pazientziari epea jartzea erabaki zuen. —....Kapela denda etxadiko azkena zen lehen, azkena izan beharko luke, izkina osoa hartzen zuelako, baina ez orain! Orain lore denda dago jarraian, lehen beste kantoian zegoena! Nola liteke? —Esan dizut lehenago, jauna, helbidea nahastu duzu...—“edo burua”, pentsatu zuen—. Eta emaztearekin hitz egiten saiatu al zara? Agian berak jakingo du non dagoen zure kalea. Jakako patrikatik telefonoa atera zuen Martxelok. —Alferrik, etxeko zenbakia sakatuta ahots batek gaizki sakatu dudala esaten dit, halako zenbakirik ez dagoela. —Bai arraroa! Drogaren bat hartuta egon zitekeela pentsatu zuen inspektoreak, baina ohiko sintomarik ez zeukan. Alkohol usainik ere ez. Eskizofrenikoa izan zitekeen. Halere, zer edo zer zeukan gizonak, sinesgarritasuna, kontakizuna gorabehera. —Eta, noski... —inspektorea jesarlekuan agondu zen—, pentsatzen dut kale horretako atari guztiak ere desagertu direla, ezta? —Bai... noski —Martxelok, zalantzati. —Atari asko, familia asko, eta zu baino ez zara salatzera etorri! Bai arraroa! Martxelori begira geratu zitzaion inspektorea, isilik, erantzunen bat noiz entzun. Baina Martxelok ez zeukan erantzunik. Gelako giroa astuna zen, nabarmenagoa gaueko hamabietan, pertsiana veneziar grisak itxita, horma puska oro estaltzen zuten burdinazko armairuak, sabaiko fluoreszenteetako bat hilzorian, dardarka. Ordenagailu ondoko landarea iharturik zegoen. Bekokitik izerdi tanta batek egin zuen beherako bidea. Zapiaz xukatu zuen izerdia; gero, txukun tolestu eta atzera gorde zuen patrikan. Arestiko asalduraren ondoren, adrenalinaren beherakada pairatzen ari zen, akidura. Inspektoreari egia osoa kontatu ez kontatu... zalantzan. —Egia esan... —hasi zen zurrumurruan. Eztarria garbitu eta ozenago ekin zion—: Egia esan... aitortu behar dizut kalearen desagerpenak ez nauela ezustean harrapatu... Inspektoreak bekainak jaso zituen. —...duela aste batzuk hasi zen. Martin zaharraren dendan esan nahi dut, kapela denda horretan. Txapelak, kapelak eta zapiak saltzen ditu, modernoak garai batean, baina gaur egun zaharkituak oso, bere bezeroak bezalakoak, baten bat gelditzen bazaio. Berdin dio, ordea, eta goizero irekitzen du negozioa, erretiratzeko adina aspaldi iragan zuen arren. Xelebrea da Martin auzoan, eta den-denek agurtzen dute berarekin topo egitean; berak, leunki jasotzen du kapela burua alde batera makurtuta —Martxelok keinua errepikatu zuen—. Nik txikitatik ezagutzen dut... —Baina, jauna, honek ba al du zerikusirik zure kalearekin? —oldartu zitzaion inspektorea mahai gainetik, luze-iritzita. —Utzi, arren, azaltzen. Horixe kontatu behar dizut —Martxelok jarduna bizkortu zuen—: Kontua da aurreko ostegunean erakusleihoa aldatuta zegoela! Garrantzirik gabekoa irudituko zaizu, noski, baina jakin behar duzu gutxienez hogeita hamabost urtean, hau da, nik ezagutzen dudanetik, han egon zirela beti bost kasko prusiar haiek! —Bost kasko prusiar? —Bost kasko prusiar, bai. Erakusleihoan egon ziren beti, apaingarri, balizko bezeroen arreta erakartzeko edo. Ederrak ziren! Urrezko arranoak aitzinean, pintxoak goian! Bost ziren bata bestearen ondoan euskarri banatan jarrita, museo bateko arasan bezala, dotore-dotoreak pikota moduko haiekin. Hainbatetan saiatu nintzen aspaldi saldu ziezazkidan konbentzitzen, baina alferrik beti. Oso egoskorra da agurea. Kaskoen istorioa kontatu zidan, behintzat, baina xehetasun batzuk baino ez ditut gogoratzen: baziren bost soldadu prusiar... Inspektorea aulkian agondu zen deseroso, besoak gurutzatu, eta Martxelo supituan isildu zen. —Ez, jauna, jarraitu ezazu, ea nora heltzen garen. Bestalde, gau lasaia daukagu hemen. Arestian agertutako polizia berriz zen atean, oraingoan entzuten, bera ere aspertuta, lanik gabe, eskuan paper bat paseatzen. —...bada, kontua da bost soldadu prusiar haiek kondesa edo markesa batez maitemindurik zeudela, eta banan-banan hil ziren elkarrekiko dueluetan, harik eta, noski, bakarra geratu zen arte; emakumeak, ordea, ez zion maitasunik aitortu, eta azken soldadu prusiarrak bere buruaz beste egin zuen, ez baina, bost kaskoak –bere lau lagunenak eta berea-, kondesari bidali baino lehen. —Zalantzarik gabe, hautagai gehiegi ziren andre mizkin batentzat. Oso istorio interesgarria, baina... —Ez, ez... Orain azalduko dizut! Arazoaren larria ulertzeko ezinbestekoa da. —Baina arazoa zure kalearen desagerpena da, ezta? Kasko prusiarrak ere desagertu al dira? Martxelok baietz egin zuen buruaz, gero ezetz: —Bai, kaskoak izan ziren lehenak desagertzen! Ostegunean bost kasko prusiarrak desagertuak zirela ikusi nuen; haien ordez, bost salakot zeuden! —Bost salakot? —Bost salakot, bai... —Esploratzaileen salakotak? —Bai horixe! Bada, dendara sartu nintzen norbaiti saldu ote zizkion beldur, haserre ere bai, nik ondo ordaintzeko prest bainengoen, esana nion... Bada, sartu eta kasko prusiarrez galdetu nion, baina berak ez ulertuarena eginez zer nahi nuen galdetu zidan. Galdera berritu nionenean, salakotak zirela esan zidan, ez kasko prusiarrak, eta ez zeudela salgai. Eta hara ezustea: 1928an bere aitak denda ireki zuenetik omen zeuden salakot haiek erakusleihoan! Marokotik ekarriak eta portuges bati erosiak, esan zidan, eta hitz-aspertuan jarraitu zuen agureak aitaren pasadizoak kontatzen, baina kasko prusiarren berririk ez zeukan. Ez omen zuen inoiz halakorik izan! Nitaz, ordea, ondo gogoratzen zen, aurrekoan ere sartua nintzela salakotak erosteko asmoz! —Jende zaharrak izena ere ahazten du —esan zuen inspektoreak. Istorioa gero eta dibertigarriagoa iruditzen zitzaion. Eta ateko poliziari ere bai, gela barrura sartua harrezkero, armairu baten kontra bermaturik. —Egia da —baieztatu zuen Martxelok buruari goitik behera eragiten—, jende zaharrak izena ere ahazten du, baina arraroena ez zen kaskoak desagertu izana, arraroena zen, antza denez, beraien berri neuk baino ez neukala. Emazteari gertatutakoa kontatu nionean, agurearen erantzun bera eman zidan, salakotak zirela, alegia. Eta gauza bera esan zidan gero etxeko atezainak, eta pixka batean egoteko eskatu eta etxe barrura sartu zen. Eskuan argazki bat ekarri zuen, hamar urte atzera semeari kapela dendaren aurrean egindako argazkia, alegia; eta, han ere, kasko prusiarren ordez, salakotak! —Oso kontu arraroa —sartu zen inspektorea—. Ez dut uste Prusian salakotak erabiltzen zituztenik. Agian kolonietan bai, baina ez Kolonian. Eta barre algaraka hasi zen bere ateraldiarekin pozik. —Oso arraroa, bai —jarraitu zuen Martxelok erretxin—, baina ahazteko modukoa ere bai, biharamunean beste gauza bat gertatu izan ez balitz! Poliziak ukabilaz mahai jo zuen: —Nola? Gauza gehiago desagertu al dira? —Etxetik atera nintzenean, atariko lauzak ezberdinak zirela konturatu nintzen: marmol zuriaren ordez damero zuri beltza zabaltzen zen nire oinpean! Sinestezina! “Zerbait galdu duzu?”, galdetu zidan atezainaren emazteak, lanbasa pasatzen ari baitzen. Erantzun gabe atera nintzen kalera, noski! Ez nion esango, ba, “solairua, Karmen, solairua galdu dut!” Martxelo komisariako solairua seinalatzen hasi zen nabarmen. Gero, hara begira geratu zen isilik. Terrazozko lauza itsusiak ziren. —Hori ere oso kontu arraroa da —errepikatu zuen leloa beste behin inspektoreak. Martxelok supituan jaso zuen burua: —Baina ez ziren haiek aldaketa bakarrak izan, inondik ere! —Noski, kalea ere desagertu da! —Ez, ez, kalea desagertu baino lehen esan nahi dut. Atzo lanetik bueltan etxe osoa aldatuta aurkitu nuen, hormak aldatuta, gelak! Egongelan sukaldea eta sukaldean trukatua egongela! Dena aldatuta, aurreko pisura aldatu izan bagina bezala. Baina ez pentsa! Emazteak beti bezala agurtu ninduen, ezer gertatu ez balitz bezala: afarirako uraza garbitzen ari zen logelan, hau da, sukaldean. Maletinak eskutik ihes egin zidan! “Zer da hau, Felisa? Nola liteke?”, galdetu nion. Ulertzekoa denez, zur eta lur nengoen, eta ingurua seinalatu nion. Baina berehalaxe igarri nion ez zidala ulertzen: “Zer, Martxelo? Zer gertatzen da”, esan zidan uraza lasai asko garbitzen. “Etxea, Felisa, aldatuta dago!”, arrapostu nion nik garrasika. Ulertezina zen hain gauza nabarmenaz ez konturatzea! Eta ba al dakizu zer erantzun zidan? —Ideiarik ez daukat, jauna. Afaria prest zegoela? —“Alde ederra bionboa kenduta, ezta?”, horixe esan zidan! —Ene, emakumeak...! —...horixe esan zidan, bionboa logelara eraman zuela, hau da, sukaldera, logelara. Bionboa? Arraio, etxe osoa aldatuta zegoen! Baina, noski, alferrikakoa izan zen hurrengo eztabaida. Erotu behar nuela esan zidan eta negarrez hasi zen, ni eroturik nengoela eta bera ere erotu behar nuela, eta ziur aski horixe da gauzarik zentzuzkoena, bai, burutik nagoela hasi naiz pentsatzen, errazago zait hori onartzea nire begiek ikusten dutena baino! Poliziak buruari eragin zion goitik behera pozik: —Tira, badirudi ondorio batera iritsi garela... —Nahiko nuke erotuta egon, baina nola liteke kale oso bat desagertzea? —Burua misterio handia da, jauna. —Okerrena da, gaur goizean, haserreturik jarraitzen zuela emazteak, eta horretxegatik lanera joan baino lehen ez diot musurik eman, ez musurik, ez ezer. Eta orain desagertu da. Alaba ere bai, eta etxea, eta kalea! Martxelo ezereza bilatzen geratu zen, aurpegiko gihar guztiak zintzilik, marmarka, inspektoreak kokotsa ferekatzen zuen bitartean. —Badakit zer egingo dugun! —bota zuen inspektoreak. Altxatu gabe, aulkian buelta eman eta atzeko apaletan bilatzen hasi zen. Laster hautsez betetako kale izendegi bat atera zuen. Mahai gainera bota zuen, Martxeloren aldera. —Ea, ba, erakutsiko al didazu non dagoen zure kale hori? Liburukotea magalean jarrita kalea bilatzeari ekin zion Martxelok, baina ez zuen aurkitu. Mapan ere desagertua zen kalea. —Ez dago! Oraingoan inspektorea luze altxatu zen: —Jauna, inoiz kontatu didaten istoriorik arraroena da zurea, eta ziur egon zaitezke gela honetatik denetarik pasatu dela. Ez dut pentsatu nahi hona harpa jotzera etorri zarenik, eta aholkua emango dizut zintzo: zure kalea aurkitzen ez baduzu, zoaz hotel batera! Agian bihar aurkituko duzu! Bestela, hemen, sotoan, badaukagu zer eskaini gaua pasatzeko! Komisariatik atera zen Martxelo. Bulebarreko zuhaitzen azpian gaueko ibiltari bakarra zen, maletina eskutik zintzilik. Gorputzeko odol guztia buruan taupadaka sentitzen zuen, haren presio jasanezina lokietan. Korrika hasi zen. Zapaten zolda gogorrek gauaren isila larritasunez urratu zuten, kaleko argiek laburtzen eta luzatzen zioten itzala hurbildu-urrundu ahala. Kaleak ezin dira desagertu, jendea erotu daiteke eta buruak engainatu dezake, baina kaleak ezin dira desagertu. Eta, halere, Martxeloren kalea desagertu egin zen. Aldaketa bakarra sumatu zuen bere kalea egon zen lekura iristean. Kapela dendako erakusleihoan salakoten azpian inoiz ikusi ez zuen txartel bat zegoen belus gorriaren gainean: “Prusiako ejertzitoak XIX. mendearen amaieran Afrikan erabilitako salakotak”, argitzen zuen txartelak. Gehiegizko burla iruditu zitzaion hura, salakot prusiarrak, ez ingelesak edo frantziarrak. Garrasika hasi zen kale bakartian. Kanpotik etorritako bisita bati erakutsi behar zion hiria Martxelok. Lagunak tren geltokian hartutako planoa kontsultatu nahi zuen temati, eta berak tematiago egiten zion errieta hain mesfidatia izateagatik; baina egia zen, bestalde, kale zein plazetan barrena Martxelo ez zela inora iristeko gauza. Lagunak kargu hartzen zion: “Gezurra dirudik hi hemengoa izateak!”. Halako batean laguna ari zitzaion Martxelori harrera egiten geltokian, eta berak zeukan planoa esku artean: “Baina, Martxelo, zertarako behar duk plano hori ni hirekin egonda?”. Orduan, burrunba handi batek eten zuen bien arteko eztabaida. Tren bat errailetik atera zen, su eta txinparta infernua zetorkien trenbidetik... Ziegako atearen karrankak iratzarri zuen amesgaiztotik. Polizia batek berarekin joateko esan zion. Jaiki zenean, minbera sentitu zuen gorputz osoa. Itxura lazgarria zeukan, trajea tximurturik, gorbata laxaturik, alkandora erdia gerritik kanpo eta eskuak urradurez beteta. Poliziaren zaintzapean hala nola txukundu ahal izan zen komunean. Gero pasillo estuetan zehar jarraitu zion poliziari, eskaileretan gora gero, bueltaka, bezperan izandako gelara iritsi arte, eta bezperakoa ere inspektorea bertan, gaueko txandaren ondoren nabarmen nekatuago, behingoz lanaldia bukatu eta etxera joateko gogoz. Ordenagailuko teklak baldar zigortzen ari zen, taka-taka, taka-taka... denbora luzez. Burua altxatu gabe, esertzeko esan zion Martxelori. Idazten bukatu zuenean, sagutxorari heldu eta pantailara makurtu zuen burua. Inprimagailua karrankaka hasi zen. —Beraz, azkenean gure hotela aukeratu zenuen —esan zion inspektoreak begirada jaso gabe. —Ez dakit zergatik nagoen hemen, ez dut ezer gogoratzen —erantzun zuen Martxelok sorgorturik—. Nire kalea desagertu dela salatu nahi... —Ez duzu gogoratzen kalean garrasika hasi zinela eta denda bateko erakusleihoa apurtzen saiatu zinela? —Bai? —Maletinarekin omen! Martxelok komisariatik atera zela gogoratzen zuen, baina hurrengo oroitzapena ziegan kokatzen zuen, agian polizia kotxea eta sirenak ere bai, besterik ez. Isiltasuna hobetsi zuen. Aje ederra zeukan, buruko mina, nekea, erreflexurik ez, eta hara hona begiratzeko ere pentsatu behar zuen. Gustura itzuliko zen ziegara lo egiten jarraitzeko. —Joaten utziko dizut, baina espero dut hemen berriz ez ikustea... Inspektoreak inprimatutako orri parea hartu zuen. Gaueko ilunantzaren aldean, argia zen nagusi gelan, pertsiana veneziarrak erdi itxita egonda ere. Egunsentiaren eskerrona, gehiegizkoa Martxelorentzat. Goizeko zazpi eta erdiak ematen zuen hormako erlojuak. Ordenagailu ondoko landare ihartuaren ordez kaktusa ikusi zuen, eta mahai gainean plastiko gardeneko poltsa bat, barruan bere gauzak, ziegan sartu baino lehen kendutako guztiak. —...egia esan, zorte izan duzu —jarraitu zuen idatzia birpasatu bitartean—, zure emazteak konbentzitu ez banindu, salaketa egingo genuen... Inspektorearen hitzek lozorrotik atera zuten Martxelo: —Baina Felisarekin hitz egin duzu? Ondo dago? Nola...? —Nola? Oso erraza, jauna: zure telefonoa hartu eta deitu egin diot. Dena kontatu dit, bai, bai, kasko prusiarren istorioa ere bai, dena zuk atzo kontatu bezala, zehaztasun txiki bat izan ezik, noski: etxeko telefonora deitu dut nik! Martxelori ezustea, nahasmena, poza... dena pilatzen zitzaion barruan, baina batez ere poza, apenas entzuten zuen inspektorearen errieta. —Orain deklarazioa sinatu eta emazteari itxoitea duzu onena. Komisaria aurrean kafetegi ona daukazu gosaldu nahi baduzu. Baina ez dut arazo gehiago nahi, ulertu? Zure emaztea gobernadorearen alabaren laguna izanda ere, ez dut arazo gehiago nahi. Martxelok paperak hartu eta arrapaladan sinatu zituen. Inspektoreari bueltatzeko zorian baino ez zen konturatu akatsaz. —Zirkunin jaio nintzen ni, hau gaizki dago. Inspektoreak paperak hartu zituen ikusteko. —Zure nortasun agiritik hartu ditut datuak, jauna —eta plastikozko poltsa seinalatu zion—. Hor esaten da hemen jaio zinela. —Hemen, bai... Zirkunin —erantzun zion Martxelok ulertu nahi gabe. Bihotza taupadaka hasi zitzaion azkar. Inspektoreak eskuak aurpegira eraman eta igurtzi batzuk eman zizkion, arnasari eusten. Azala gorri-gorri utzi ondoren, hasperen luzea egin zuen. Atzeko apaletik kale-izendegia hartu zuen, gaueko berbera. Martxelori eman beharrean, bular aldean eutsi zion bi eskuekin azala erakusteko. —Malusa! —garrasi egin zuen Martxelok. —Hain zuzen ere, zure nortasun agirian agertzen den izen berbera! Baina niri bost axola dit. Nekatuta naukazu. Martxelo altxatu egin zen leihora joateko. —Bai, bai, mesedez, begiratu leihotik joan baino lehen, ez ote den beste kaleren bat desagertu! Malusa izen polita zen, entzun orduko gustatu zitzaion Martxelori, eta ikusi zuen bezala, ondo zegokion hiriari, berau ere polita, Zirkuni baino askozaz ere politagoa, egunsenti garbian, lainorik gabe. Leihotik ikusi beharko zuen bulebar hitsaren lekuan, adibidez, enparantza dotorea zabaltzen zitzaion begien aurrean, tranbia koloretsuak joan-etorrian, lorategi joria albo batean, haragoko kale aldaparen amaieran ibai zabal-urdina. Bigarrenez atera zen Martxelo komisariatik, baina oraingoan ez hiria ez komisaria bera, ezer ez zen lehen bezalakoa. Malusako kaleetatik zehar hasi zen alderrai, txoko guztietara begira, zehaztasun ñimiñoenei ere erreparatzen, ea berak ezagutzen zuen munduaren aztarnaren bat oraindik aurkitzen ote zuen, zeri heldu erokeriak harrapatu baino lehen: erakinak, kaleak, ibilgailuak, dendak, jendea, paperontziak, espaloietako lauzak... den-dena ezberdina zen, ordea. Giroa eta usainak ere arrotzak egiten zitzaizkion, bereziki hiri osoa biltzen zuen jasmin usaina. Liburu denda baten erakusleihoaren aurrean gelditu zen: idazle ezezagunen liburu ezezagunak baino ez zituen ikusi. Ez zuen liburu bat bera ere ezagutu. Zeinen ordez agertuak ziren? Berak bizitzan irakurritako guztiak ere desagertuak ote ziren? Klasiko handiak ere bai? Eta musika, zinema... Historia bera? Mundu osoa aldatua ote? Denda barrura sartu zen. Apalategi batetik eskolako atlas bat hartu zuen. Orrialde koloredunen artean argi ikusi zuen Zirkuniren ordez Malusa agertzen zela, gutxi gora-behera geografia berean; gainera, herrialdeko beste hiriek ere aldatuak zeuzkaten izenak, ibaiek eta mendiek ere bai, eta oro har den-dena ezberdina zen, haraxeago mugituta. —Pauna, ondoezik laude? Zurbilduta laude —galdetu zion dendari gazte batek larri, azentu arrotz batez. Atlasak eskuetatik lurrera ihes egin zion eta korrika atera zen kalera. Lorategira eder batera iritsi arte ez zen konturatu jendea begira zeukala. Pausoa sosegatu zuen, baina artean ideia zurrunbiloa bueltaka zerabilkion buruan, eldarniotan. Banku batean eseri eta plastikozko poltsatik telefonoa atera zuen. Bana-banan hasi zen agendako zenbaki guztiak sakatzen, eta beti entzun zion ahots grabatuari oker sakatu zuela, halako zenbakirik ez zegoela. Begi-ertzetik malko bat jalgi zitzaion masailera, maldan behera bidea eginez hondarrezko lurrerantz, lokatz bihurturik. Lorategiko burdinazko hesitik harago ikusi zuen nola uxatzen zituen tranbiak usoak aurrera egin ahala. Eta ideia argia piztu zitzaion buruan: bera ez zela bidetik aldenduko. Tranbiaren bila bankutik jaiki zen, baina orduan telefonoak jo zuen. Ia eskuetatik erori zitzaion. —Bai, bai? —erantzun zuen nerbioak airean, baina erantzunik ez. Zarata baino ez zuen entzuten, telefonoz bestaldean norbait paper orria tximurtzen bezala—... bai, bai? —Martxelo! —entzun zuen urrun, oso urrun—. Martxelo! —Felisa! Bularrean min sakon-zorrotza sentitu zuen eta zerraldo erori zen lurrera. Inguruko zuhaitz guztiak bere inguruan jiraka ikusi zituen, zorabioan, harik eta begirada mutiko baten aurpegian finkatu ahal izan zuen arte. Mutikoa ere hari begira zegoen. Pilota gorria zeukan besapean. Izu-nazka aurpegia gorabehera, halako batean, makurtu eta hatza luzatu zuen Martxelorengana, akusatu nahiko balu bezala. Hatz fina larru izerditsuan hondoratzen sentitu zuen Martxelok, umearen garrasiak entzun gero. Konortea galdu zuen. Ospitale bateko gelan esnatu zen Martxelo, lozorrotik atera ezinik, baina nahiko burujabe ametsa ez zela konturatzeko. Kablez beterik zeukan bular biluzia, zunda bat sudurretik barrura. Haren ondoan makina batek arnasa ozenak egiten zituen, beste batek bip erritmikoak. Ilunpetan ez zuen besterik ikusten, agian aurrean barruko leiho bat, pasilloko leihoa, edo kristalezko atea, edo gortina zuria... argitasun zehaztu gabea, nolanahi ere. Gau zela pentsatu zuen. Hitz egiten saiatu zen, baina ez zen gihar bat mugitzeko gauza ere. Berriro hartu zuen loak. Berriro esnatzen ez bazen, hobe. Eguzki galdatan belaunikaturik ikusi zuen bere burua, lautada bateko lur lehortu pean zerbait bilatzen. Txukuna zen haren lana, prestua eta maratza, jaioberria orrazten den moduan baztertzen zuen lurreko hondarra pintzel batez. Buruan, eguzkitik babesteko, salakota zeukan jantzita. Halako batean, urrezko izpia atera zen zulo bazterretik. Martxelok objektu txiki distiratsua altxatu zuen. —Begira ezazu, zatoz! Hauxe da emazteari oparitu nion eraztuna! —esan zion metro batzuk harago lan berberean ari zen gizon bizardunari. Berak ere salakota zeukan buruan, elastiko zuria eta praka motz beixa soinean. —Horrek esan nahi du zazpigarren mailan gaudela, nahiko hurbil —erantzun zion pozik Martxelori. Urrutitik garrasi batek eten zuen bien solasa: —Zatozte, zatozte azkar! Korrika joan ziren biak neska-mutil batzuengana. Urduri hitz egin zuen talde buru zirudien neska batek: —Mendeurreneko Iturria aurkitu dugula uste dut! Haien oinpean sakontzen zen zulo laukizuzenaren erdian estatua baten burua erne zen. —Mendeurreneko Iturria da, bai! Nik deskribatu nuen bezala! —esan zuen Martxelok neska bera baino nabarmen urduriago. Iparrorratza atera zuen patrikatik—. Honen arabera, Zirkuniko bulebarrak gure azpian daude eta han, ezkerraldeko zuhaitz haien parean, nire kalea! Gizon bizardunak besotik heldu zion. —Martxelo, biharko utzi behar dugu lana, laster ilunduko du. Afarirako Malusan egon beharko genuke. Hurrengo hitzak ez zituen ulertu: —Matxelo, eduçiri, eduçiri, elrigoki! Emaztea bere aurrean garrasika ikusi zuen. —Matxelo, wiegu, eçiepo xogeri! —Baina, Felisa, zer diozu? Ez dizut ulertzen! —esan edo pentsatu zuen Martxelok. Erizaina eta sendagilea ikusi zituen emaztearen alboan. Emakumeak kezkaturik hitz egin zien. Ohean agontzen saiatu zen Martxelo, baina sastada itzela sentitu zuen bular aldean. Esna zegoela konturatu zen, ospitaleko gelan. —Çea kuri xuçeri eurea?! —esan zuen emazteak. —Yiliu, yiliu —erantzun zion sendagileak. Gero, Martxelori zuzendu zitzaion—: Matxelo, çea mukoki piokea? —Baina, zer diozue? Non nago? —xuxurlatu zuen indarrik gabe. Sendagileak eta erizainak elkarri begiratu zioten harriturik, hala nola, tximino bat hitz egiten entzun izan balute bezala. Berriro begiratu zioten Martxelori, gero emazteari. —Igadiyi ki? —Eçki, werxi ki! Çea ko, Malkusa! —erantzun zion emazteak harriturik, aurpegiko keinu gehiegizkoak besoen dantzarekin lagundurik. Eztabaidan jarraitu zuten bitartean, Martxelok emazteari begiratu zion. Ezezaguna begitandu zitzaion. Aurpegi eta gorputza bera akaso, baina orrazkera eta arropak ez zetozen bat haren oroipenekin, eta ondo aztertu eta aurpegia ere ez, orain bai, orain ez. Gainera, betidanik izandako emakume neurritsua, agian hotzegia, histeriak jota zirudien, hainbeste, non erizainak gelatik eraman behar izan baitzuen goxo mintzatuz eta eskuetatik helduz. —Matxelo, Çea kuri xuçeri eurea?! —esan zion atera baino lehen, burua jiraturik. Bere negar zotinak pasilloan urruntzen entzun zituen Martxelok. Bakarrik geratu zirenean, sendagileak lagun giroan hitz egin zion. Betaurreko borobilak eta antxume bizar zuri-zuria, atsegina zirudien gizonak. —Lorju ekidi igoko xuçiyi, piuri igachi pilkoço. Martxelok ez zion erantzun. Burkoan hondatu zuen burua eta begiak itxi zituen. —Yiliu, yuliu! Yuxur pikoço —entzun zion sendagileari ahots gozoz, eta gelatik atera zen kezkaturik, bizar zuritik tiraka. Hurrengo egunetan proba asko egin zizkioten, gela batetik bestera ibili zuten, erresonantzia batetik bestera. Noizbehinka mediku taldeak etortzen ziren, gazte-gazteak, praktiketan edo, eta den-denak berari begira geratzen ziren, ahopean hitz egiten zuten bitartean. Martxelo, egunez egun osatuago, haserretu ohi zen: —Zergatik mintzatzen zarete atsoak bezala? Nik ez dizuet ulertzen! Ez al dago nire hizkuntza egiten duenik, ala? Eta ni ez naiz Matxelo, Ni Martxelo naiz! Orduan, harridura handiagoz koadernoetan idazteari ekiten zioten, eta ez zen falta grabagailua Martxeloren ondoan jartzera ausatzen zenik. Egun batean bi gizon sartu ziren gelara erizain batek lagunduta. Ez ziren medikuak. Martxelok ez zituen ezagutzen, baina musuka eta besarkadaka oldartu zitzaizkion ia arnasa lapurtzeraino. Alaiturik zeuden oso. —Matxelo, çea mukoki piokea? Martxelo isilik geratu zen bi gizonak irribarrez begira zeuzkala. —Felisa? —galdetu zuen azkenean. —Yilui, yilui, Matxelo, shuon Belisa quilpoço! Bietako bat armairura joan eta larruzko maleta atera zuen handik. Arropa guztia sartzen hasi zen, bere trajea eta egunotan ekarri zizkioten bestelakoak. Besteak, bien bitartean, gurpil-aulki batean esertzen lagundu zion Martxelori. —Efeadi çeu, Matxelo! —Yilui, yilui! Etxe arrotz batera eraman zuten. Malkusako —izen hori omen zuen orain hiriak— auzo lasai bateko etxe polit batera, lorategi eta guzti. Atarian emaztea zeukan zain, aspaldidanik eta luzaroan negar egin izanaren itxuran, baina Martxelo ikustean poza agertu nahi izan zuen. Trakets, hala ere. Badaezpada, Martxelo ez zen hitz egitera ere ausartu, emaztea ez ote zen berriro negarrez hasiko. —Kuri çea koço? —galdetu zion, eta Martxelok bekainak leunki jaso besterik ez zuen egin—. Kuri çea koço, Matxelo? —errepikatu zuen emazteak asaldatuago. Eskuak aurpegira eraman eta negarrez hasi zen. Mutiko bat etorri zitzaion korrika pena arintzera. Amaren gerritik zintzilik begi erraldoiez begiratu zion Martxelori. Alabaren ordez semea zeukala pentsatu zuen Martxelok; ez zion, halere, inporta izan. Tamalez, ez zekien haren izena. Baina gero pentsatu zuen ziurrenera berak ere aldatuta izango zuela. Badaezpada, saiatu egin zen: —Belix? Emazteak irribarre txikia egin zuen, itxaropena begietan. —Iugi! —esan zuen mutilak ezpain gorri-gorriak ozta irekiz. Korrika joan zen aita besarkatzera. Hurrengo hilabeteetan ez zen ezer aldatu Martxeloren bizitzan, inguruan. —Seme, hiri hau Zirkuni zen lehen, Zirkuni çea jipeli Malkusa, eta gu ez ginen kale honetan bizi, orain desagertu den beste batean baizik, eta egia esan, zu ez zinen mutila, neska baizik, neska polita gero, Felisa zenuen izena, uli Felisa apiazo, amak bezala, açala iumi, eta nire hizkuntza egiten zenuten guztiok. Ganbarakoak arakatzen ari zen Martxelo, altzari zaharrak eta kaxa beteak, desagertutako munduaren aztarnaren baten bila. Itxaropen harekin. Semeari asko gustatzen zitzaizkion espedizio haiek eta beti laguntzen zion aitari. —Iugi, edugori çidi!! —egin zuen algara umeak eta, aurpegi osoa mozten zion irribarrea zuela, bere hatz mehe eta zuria zuzendu zuen aitaren ahora—. Iugi, edugori çidi!. —Iugi, Iugi! —errepikatu zion Martxelok. Hitz hark “aita” esan nahi zuela azkar ikasi zuen, semeak baino ez baitzion horrela deitzen. —Seme, edugori nidi! —Yilui, yilu! Semeari irribarrez begira, Martxelok ondoko kutxa batean sartu zuen eskua zertan ari zen erreparatu gabe. Segituan ziztada zorrotza sentitu zuen ahurrean. Kutxa ondo ireki eta kasko prusiar bat ikusi zuen. —Iugi, çea io? —galdetu zion semeak, aitaren esku txundituetatik kaskoa lapurturik. Semea buruan janzten saiatu zen, baina oso pisutsua zen berarentzat. Martxelok kaskoa hartu eta lasterka bizian jaitsi zituen eskailerak. Sukaldean aurkitu zuen emaztea, uraza garbitzen. —Belisa, kasko prusiar bat!! Pruchioni!! Pilkoço! ! —Matxelo, çea kuoço, salakotea piüki —erantzun zion emazteak axolagabe, uraza garbitzeko lanari utzi gabe. Lagun(-)mina Berandu sartu da tutorea gelan, hamar minutu berandu, kopetilun, eite larriz jantzia atsedenaldiaren aurreko azken klase-ordura. Hiru pauso luzez zeharkatu du atetik arbelaren aurreko tartea, zutunik gelditu da ikasleei begira, noiz isilduko. Berehalaxe lortu du, erraz, ingeles irakaslearen ordez bera etorri delako. Eskolako ikasle bat hil dela esan die, meningitisak hil dela. Orain denek areto nagusian bildu behar dute informazioa jasotzeko, eta badaezpada zorroak eta txamarrak jasotzeko. Ea nor den hildakoa, entzun da ozenki ikasleen zurrunbilotik. Azken kurtsoko bat, Floren izeneko mutila, esan du irakasleak. Ea gelako norbaitek ezagutzen zuen, ea gelako norbaitek tratua zuen berarekin. Irakasleak bekainak jaso ditu larri, neska-mutilak aztertzen dituen bitartean. Inork ez du besorik altxatu. Bi kurtso beheragokoak dira. Norbaitek esan du hildakoak arreba daukala haien mailan, baina beste gela batean. —Orduan, goazen aretora. Zoazte isilik, mesedez. Meningitisa meningearen hantura dela esan zieten areto nagusian, hau da, garuna estaltzen duen mintzaren hantura, eta bakterio batek erasotzen diola, meningokokoak. Penizilinaz tratatzen dela ere esan zieten, horrela sendatu ohi dela eta gehienetan larri gabe. Pertsona batzuek, ordea, alergia diote penizilinari. Baina hori baino arriskutsuagoa da horren berri ez izatea. Horixe gertatuko omen zitzaion Floreni: alergikoa zela jakin gabe penizilina txertatu zioten. Horrexegatik hil zen. Bata zuriz jantzitako emakumeak eman zituen azalpenak, ospitaleko sendagilea bera. Haren ondoan zurrun eta urduri, Imanol ikastetxeko zuzendariak noizbehinka hartzen zuen hitza, zehaztapenen bat beharrezkotzat jotzen zuen aldiro. Biak mikrofono baten aurrean zeuden oholtza gainean, bertsolariak balira bezala; atzean, ikasketaburua, Florenen tutorea eta beste batzuk, soinketa irakaslea tartean, denak estatuak bezala. Ikasle batek ahopeka esan die ingurukoei bezperan ondo zegoela, buruko mina zeukala baina ondo zegoela. Arratsaldeko zortziak inguruan hil omen zen. Lehen lerroko bi neska negarrez hasi dira. Eserlekuetatik jaiki eta elkarri helduta pasilloan gora abiatu dira irteerarantz. Irakasle bat haien atzetik joan da. Sendagileak azalpenak ematen jarraitu zuen. —Hala ere, berez nahiko larria da gaixotasuna, eta oso kutsakorra. Horregatik... —Badaezpada, horregatik, eta gaur ostirala denez... —zehaztu zuen eskolako zuzendariak mikrofono gainean makurturik—, ikastetxea astelehenera arte ixtea erabaki dugu. Jende gazteak omen zeukan arriskurik handiena. Florenen gelako guztiei analisiak egingo zizkieten eta badaezpada, zehaztu zuen oraingoan sendagileak, haren lagunak eta senideak tratamenduan zeuden jada. Oraingoz beste neurririk ez zen omen zen beharrezko. Gero sintomen berri eman zieten, nola kutsatzen den. —Ondoezik sentitzen bazarete, buruko mina badaukazue, esan gurasoei; bakarrik bazaudete, zoazte anbulatoriora edo larrialdietara deitu. Bereziki garondoa gogorturik badaukazue. Ez badakizue penizilinari alergia diozuen, galdetu gurasoei noizbait txertatu dizueten, noizbait antibiotikoak eman dizkizueten. Azalpenak bukatuta, etxera joateko esan zien zuzendariak, zuzenean etxera, elkarrekin hitz egin gabe, elkar ukitu gabe, balizko kutsatzeak saihesteko, gerta baitzitekeen norbanakoak beste norbait kutsatzea edo beste horrek norbanakoa kutsatzea... —Muñoz doktoreak esan duen bezala, gripea bezala hedatzen da. Eta une batez irudi du jendea korrika aterako dela aretotik izu laborriak airean, baina denak normal hasi dira altxatzen. Inork ez dio kasurik egin zuzendariari. Pasilloetan, patioan, ikastetxearen aurreko espaloian taldetxoak sortu dira. Oso jatorra zela Floren, lagun asko zituela, motorrez joaten zela ikastetxera, neska-laguna ere bazeukala, lur jota dagoela gaixoa eta lasaigarriak eman behar izan dizkiotela... Batek entzun du Florenen lagun bat ere ingresaturik dagoela; nor den galdetu diote eta ezin izan du erantzun; eta ea nola jakin duen, eta entzuna duela erantzun du. Hurbil dagoen irakasle batek kargu hartu die haserre, ez dagoela inor ingresaturik eta etxera joateko, zurrumurrurik ez asmatzeko. Martxelo zuzen abiatu da etxera. Gogoz kontra bada ere, berak baino ez ditu zuzendariaren aholkuak zorrotz bete. Nahiago luke taldetxo horietakoren batean muturra sartu Floren mutil hartaz gehiago jakiteko, ea nor zen. Baina berria da ikastetxean eta apenas ezagutzen du inor. Arratsaldean gurasoen txanda izan zen, leku berean, baina oholtza gainean zuzendaria eta ikasketaburua beste inor ez zegoen. Batzuk urduri etorri ziren etxetik, beste batzuk bertan larritu ziren. Zenbaterainokoa zen arriskua jakin nahi zuten, ea ez ote zieten ikasle guztiei analisirik egin behar. Zuzendariak argitu zuen ez zela beharrezko, berari ere hori esan ziotela Osasun eta Hezkuntza sailetakoek, Florenen gelakideei bakarrik egin behar zizkietela; haren lagunak jadanik tratamenduan zeudela. Ama batek erantzun zion bere semea ere Florenen laguna zela eta ez ziotela inolako analisirik egin, ez zegoela tratamenduan. Ea nolako lagunak, zuzendariak; bokatak erdibana egiteko adinako lagunak, amak haserre, bata bestearen etxean sartu-irteerak egiteko adinako lagunak, eta ea bera ikastetxeko zuzendariaz gain sendagilea ere bazen, ea zergatik ez zen ospitaletik inor etorri goizean bezala. Behar zen informazioa eskolakoek eman zezaketelako, zuzendariak... Eta gisa hartan jarraitu zuten eztabaidan, baina esan beharreko guztia esanda zegoenez, guraso batzuk jaikitzen hasi ziren. Martxeloren gurasoek ere alde egitea erabaki zuten. Asteburu osoan etxetik ateratzea debekatu diote Martxelori. Ba omen dauka zer ikasi azterketetarako. Halere, hartan ere ez diote bakerik eman, batez ere amak: ordutik ordura asmatu du aitzakiaren bat semearen gelan sartzeko, dela bazterrean botatako galtzerdia jasotzeko, dela pertsiana jaisteko, helburu bakarra ondo dagoen galdetzea duela, ea buruko minez dagoen, kopetan ahurra jartzen dion bitartean, garondoan gero. Azkenean baietz esan dio Martxelok, buruko mina daukala, baina etengabeko galderek eta artatze-laztanek eraginda, ez meningitisak... Amak musua eman dio masailean eta Martxelo areago haserretu da. Herrian laster osatu zen halako bertsio ofizial bat, jakin-minak asetzeko ahoz ahoko txostena: hamazazpi urte zituen Florenek; iaz moto istripua izan zuen eta bi egunez koman egon zen; arratsaldean lagunekin zebilelarik buruko minez kexatzen hasi zen, zorabiatu egin zen, lagunek anbulatoriora eraman zuten; amari lanera deitu zioten; aita kanpoan bizi zen, ordea, gurasoak dibortziatuta zeudelako; beste emakume batekin bizi zen; ez, ez zen herrikoa, kanpoko emakume batekin... Alaba helduagoa zen eta unibertsitatean ikasten zuen. Aitak gorpua erraustu nahi zuen, baina amak ez, amak lurperatu nahi zuen, erraustea ez zegoela ondo. Martxeloren ama ere bat etorri da iritzi harekin, norberaren erraietatik sortutakoa ezin dela erraustegi batean sartu, nahikoa latza dela berez kutxa itxi eta berriro ikusiko ez dela pentsatzea. Erosketetatik bueltan, oraindik ideia ilun horiek darabilzkio buruan bueltaka. Egongelan bideojokoan topatu du semea, lurrean eserita eta bizkarra sofan bermatuta, kotxe lasterketak. Sofan eseri da, ertzean eseri, hanken artean eta eskuetatik zintzilik plastikozko poltsak dituela. Dendan entzundakoak errepikatzen hasi da, bera ere bideojokoari begira. —Alabak unibertsitatean ikasten du... —Ez, nire kurtsokoa da, mutila baino gazteagoa —zuzendu dio Martxelok interes handirik gabe. Amak, ordea, ezpainak estutu ditu hori entzutean. Nahiago luke unibertsitatean ikasiko balu, urrun, gupida beldurraren hondakina baino ez baita. —Baina zure klasekoa da? Zuk ezagutzen duzu? —Eta Martxelok ezetz, ez dakiela nor den eta arrandegiko poltsari kiratsa dariola. Jolasten uzteko eta bakea emateko esan nahi du. —Legatza da. Aspaldi ez dut egin eta aitak nahi zuen. Gero galdetu dio hiletara joan nahi duen, arratsaldean izango dela. Ezetz esan dio Martxelok, Floren hura ez zuela ezagutzen, bera baino bi urte zaharragoa zela. Amaren matraka bukatzea baino ez du nahi, poltsa hura sukaldera eramatea. Gainera, legatza ez zaio gustatzen, batez ere birrineztatua; limoi osoa zukutu behar du jango badu. Maionesak ere nazka ematen dio, goragalea. —Hala ere, eliza ez da leku txarra kutsatzeko, eta ez dakit oraindik astelehenean eskolara joango zaren —pentsatu du atzera amak, eta “ume gizajoa, ume gizajoa...” bere baitan esaten altxatu da sukaldera joateko—. Alaba daukate oraindik, behintzat. Agian, aita eta biok joango gara, ez dakit. Baina ez ziren joan. Astelehenean itzuli ziren ikastetxera, Martxelo ere bai. Izurritea beste inor kutsatu gabe pasatuko zela ematen zuen. Aurpegi tristeak tristuraren lozorroan bilduta. Hamaiketako atsedenaldian Florenen lagun eta gelakide batzuek bilera egiteko aprobetxatu dute tartea; dolu eguna egin behar dela erabaki dute, eta horrela eskatu diote zuzendariari; esan diote ez dela bidezkoa besterik gabe normaltasunera itzultzea. Zuzendariaren iritziz, ordea, onena normaltasunera itzultzea da. Ez da dolu egunik egingo, ez da inolako azterketarik atzeratuko; ostegunean, berriz, saio berezia egingo da areto nagusian Floren omentzeko; ikasle batzuek olerkiak irakurriko dituzte. Haserre joan dira zuzendariaren bulegotik, eta berehala greba egitea erabaki dute ikastetxeko sarreran inprobisaturiko beste asanblada batean. Inor gutxi enteratu da, eta ikasle gehienak normal itzuli dira geletara txirrinak jo duenean. Zientzia irakaslea etorri zain, Martxelo lasterketako kotxea marrazten hasi da karpetan, bi pegatinaren arteko hutsunean. Pasilloan ohi baino zalaparta handiagoa dago. Batek entzun du greba dagoela, baina inor ez da mugitu. Orduan oihuak entzun dira urrun eta batzuk pasillora ateratzera animatu dira, Martxelo tartean. Laster ikasketaburua agertu zaie bere onetik aterata, eta gelan sartzeko. Martxelo karpetako marrazkia bukatzera itzuli da. Trebea da marrazten eta ia bukatuta dauzka marra nagusiak. Perspektiban eta bihurgune batetik ateratzen, abiadura sentsazioa handiagoa da. Gelakoak ez diren aurpegi batzuk agertu dira ate zuloan, barrura begira, norbaiten bila ariko balira bezala. Begiz jo dute Martxelo eta berarengana abiatu dira. Taldeko batek hatz erakuslea zuzendu dio atzeko norbaiti begira: —Horixe duk! Taldetik mutil zahar bat atera da haserre bizian, azken kurtsoko bat. Ondo-ondora hurbildu zaio Martxelori. Atzera begiratu du ziurtatzeko: —Hau? —Horixe! —baieztatu esan diote. Zeharka jarri da mutila, lepoa bihurriturik, ezker aldea Martxelori erakusten, eskuin besoa ikus ez dezan. —Hik egin diok barre Floreni? Hi ibili haiz gezurrak kontatzen, marikoi hori? Hik... —Nik? Nik?... —baina erantzun baino lurrean da Martxelo. Ahoan jo du beste mutilak, sudur azpian. Martxelo atzeko mahaien azpian uzkurtu da babes bila. —Putakume! Larrutu egingo haut! Mutila aulkiak eta mahaiak ostikatzen hasi da Martxelori heltzeko. Irakaslea datorrela eman diote atzetik. —Irteeran hire zain egongo nauk sarreran! Larrutuko haut! Aditu duk? Eta zer ulertu geratu da Martxelo lurrean, eskua ahotik begietara etengabe eramanez, odolaren burdin zaporeak larriturik, baina listu gorrixka baino ez du ikusi. Ez dauka odol jariorik. —Bere lagunaz barre egin duzula esan diote. Ostiraleko bileran zerbait kontatu zenuela Florenen kontra edo halako zerbait —entzun du aldamenean. Gora begiratu eta Estibaliz ikusi du, besoa luzaturik, paperezko zapia eskaintzen. Lurretik altxatu eta hartu egin du. —Baina nik ez nuen ezer esan! Nork esan dio? Neskak sorbaldak jaso ditu. —Ez dakit. Bere lagunaz barre egin duzula esan diote. Besterik ez dakit. Jo zaituena Florenen laguna zen. —Baina nik ez nuen ezer esan! —errepikatu du klase osoari begira. Denak mutu. Hurrengo ordua makur eman zuen Martxelok, ukondoak mahai gainean eta eskuak kopetan aurpegia estaltzeko, hatzen artean zelatari, aurreko ikaskideen atzean ezkutatu nahian, irakasleak ikusiko zuen beldur. Albokoek tarteka begiratzen ziotenean, areago uzkurtzen zen; segituan normaltasun plantak egin. Estutu egin zen oso, arbeleko ariketak egiten ari zirela, irakaslea mahaien artean bueltaka hasi zelako. Baina horretarako ere ez zen egun arrunta, eta irakaslea malenkoniatsu pasatu zen Martxeloren albotik, ikasleen ezohiko marmarrari ere kasurik handirik egin gabe, “ixoooo” xuxurlatu batzuk baino ez. Azken klasea bukatu da. Martxelo azkar abiatu da jendez beteriko pasilloetatik zehar. “Hor dago!”, entzun uste izan du atzetik. Atzeko patiora atera da, saskibaloi pistak korrika zeharkatu ditu alanbrezko hesiraino. Adrenalinak lagundu dio gora egiten. Hiru metro dira eta hesiaren gainetik igarotzea pentsatu baino gehiago kostatu zaio. Gero herri osoari buelta emanda iritsi da etxera. Ez dago inor. Seiak arte bakarrik egoten da beti etxean. Behingoz babestuta sentitu da, arriskutik salbu. Bainugelako ispiluan aztertu du ezpain handitua, aurpegi deformatua. Munstro bat bezala sentitu da, itsusia. Hatzaren puntaz ukitu du hortza, mihiaren puntaz, ea mugitzen den, ea ez den mugitzen. Izotz koskorra eta ur oxigenatuz blaitutako kotoia tartekatzen ditu. Hortzoia ere handituta dauka, eta agian horregatik ez da hortza oraindik erori. Eta etxean hortz berririk jartzeko dirurik ez dago, gurasoak diruarekin beti kexaka ibiltzen direlako, eta gauza haiek oso garestiak omen dira, amak iaz ortodontzia egiteko galdetu zuen eta izuturik itzuli zen etxera. Hortaz, hemendik aurrera ahoa irekitzen duen bakoitzean hutsune beltza ageriko du, errotuladore beltzez zigortutako karteletako aurpegiek bezala. Eta negarrez hasi da Martxelo, “ostiaputakanikezdutezeregin!”, konketako oinari ostikoak jotzen. Ispilua ordenagailuarekin ordezkatu du, esku bat sagutxoan eta bestea ezpain gainean izotzari eusten, hantura noiz jaitsiko: titaniozko inplanteak bostehun bat euro balio du, eta protesiak zazpiehun, bestelako gastuak berrehun...Hartan ibili da denboraz ahaztuta ere, etxeko atea entzun duen arte. Ama da. Komunera joan da korrika ezkutatzera. Izotzak ez du ezertarako balio izan: aukeran, areago handitu da. Ama deika hasi zaio, hizketan etxeko txokoren batetik, zer moduz ikastetxean, zer berri... Dutxa iturria ireki du. Afarirako deitu diote, eta ez dela gose erantzun die Martxelok. Aita bidali du amak, eta aitak afaltzera joateko esan dio gelako atetik. Burua bueltatu gabe errepikatu du ez dela gose. Ahotsagatik edo, zerbait gertatzen zaiola konturatu da aita. Hurbildu eta aurpegia bilatu dio. —Baina, Martxelo, zer gertatu da? —bota da asaldaturik. Saskibaloian jolasten kolpea hartu duela eta ez dela ezer. Ama agertu eta espantuka hasi da. Saskibaloian jolasten kolpea hartu duela eta ez dela ezer. Ama botikinaren bila joan da. Aitak ahoa aztertu dio, baina laster alboratu du emazteak aldaka kolpe batez, eskuak eta besoak semeari bihotz ebakuntza egiteko adina tramankuluk lanpetuta. —Puntuak eman beharko dizkiote! —amak aitari, ezpainari buelta eman dionean, aberia haren erruduna aita izan balitz bezala, Martxeloren min kexei batere kasurik egin gabe. —Hori ez da ezer, emakumea—kexatu da aita—, ez du punturik behar. Izotza eta kito. Goazen afaltzera. —Ba, aho horrekin tortilla prestatu beharko dizut, edo purea. Eta zuk ez dakizu kontuz ibiltzen? Eta eskolan ez dizute zauria sendatu? Afarian Floren gizajoaz aritu zen ama, haren gurasoen penaz. Ikastetxean zer esaten zuten galdetu zion semeari, nola zeuden haren lagunak: “gizajoak!”. Martxelok, ez zekiela ezer. Ahoa eskuan entzuten zuen, tortilla murtxikatzeko ahalegina egiten zuen bitartean. Lotsa ematen zion jendeak itxura horrekin ikusteak, baita gurasoek ere. Lasaiago, hala ere: ez ziren gehiegi asaldatu, aitak ez zela ezer esan zuen... Atzo jaso ez zuen jipoia halako bi zain daukalakoan itzuli da eskolara, horren beldur. Eta jipoitu gabe ere, denek barre egingo diote ihes egiteagatik, patioko hesia saltatzegatik, norbaitek ikusi bazuen. Halere, egingo luke orain eskolan sartzeko, inguruan hainbeste jende egongo ez balitz. Ezpaina hobeto dauka, ia hanturarik ez. Hortza bestelakoa da: gosariko galletei atzeko haginekin kosk egin behar izan die, aurreko aldetik saiatu denean hortzaren sustraian ziztada jaso duelako, sudurraren barruan. Gainera, barrura hondoratuta dauka, oso gutxi, baina nahikoa ondoko hortzarekin lerrokaturik ez egoteko. Baliteke kolpearen ondorioz hortzoitik askatu izana, eta hala bada, egunak beharko dira berriro finkatzeko. Edo baliteke hortza sustraian puskatuta egotea, pitzatuta, eta Martxelok ez daki hori sendatuko den, hezurrak bai, hezurrak soldatzen direlako, baina hortzak... ez daki. Gero bilatuko du interneten. Orain eskolan sartu behar du. Sarreratik hurbil sudaderaren txano gorria jantzi du. Ahalik eta arropa ezberdinena aukeratu du, badaezpada. Urrunetik ondo aztertu ditu bazterrak mutil haren bila. Ez du ikusi, lasterka sartu da barrura, zuzen jarraitu du pasillotik, eskailerak igo eta klasean ezkutatu da, untxi izutua zuloan bezala. Azken lerroko eserleku batean eseri da, jipoitu nahi duen mutila agertzen bada, atzeko atetik ihes egin ahal izateko, gelak bi ate dituelako pasilloan, aurrean eta atzean. Oraingoz dena ondo. Klasean sartu orduko, ikaskideek karaka hasiko zitzaizkiola uste zuen, karakei barreek jarraituko zietela, boligrafoaren turutarekin listuz bustitako paper pilotatxoak botako zizkiotela, edo arroz aleak... Baina ez da horrelakorik geratu. Atzo ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen dute guztiek. Ikaskide bakarrak erreparatu dio, eserleku hartatik ipurdia altxatzeko esateko, bere lekua delako. Martxelo lekuz aldatu da, eta mutil hura segituan hasi da berriketan aurrekoekin. Hala jarraituko dute goiz osoan eta irakasleak hamaika aldiz esango die isiltzeko, beti bezala. Inork ez dio bezperakoa aipatuko, inor ez zaio jipoitzera joango. Ez gaur, ez inoiz, ezer gertatu ez balitz bezala. Floren ere hil ez balitz bezala. Egun batean mutil zahar harekin topatuko da azkenean. Lehen pisua eta bigarrenaren arteko eskaileretan gertatuko da, Martxelo igotzen eta bestea jaisten. Ziplo geldituko da Martxelo hari begira, gihar guztiak tenkaturik, eskudelari ondo helduta, buelta eman eta korrika hasteko prest, geratu ala ihes egin, zalantzan, aiko-maiko. Eta horregatik erreparatuko dio beste mutilak, horregatik bakarrik, baina ez du ezagutu ere egingo. Eskailerak jaisten jarraituko du ezaxola, behean lagun batekin topo egingo du eta elkarri txantxak egiten urrunduko dira biak pasillotik, gezurrezko borrokan lepotik helduta. Martxelok eskaileretan gora egingo du. Dolua bukatu da. Izen-lapurra Berrogeita hamar urtetik gorako korbatakide arrotzak baino ez ziren izango Martxelo eta Bestea, goizeko zortzietatik erretzeko gogoari eutsi behar ziotenen arteko beste bi kafetegiko barran zutik, esku batean kikara eta bestean zigarreta, tarteka erlojuari begira bulegora noiz itzuliko. Itxuraz, ez hain antzekoak: Martxelo moztaka eta potoloa, ez alferrik galdua, kopeta soildua eta mortsa tanketa ematen zion bibotetzar errubio-gorriaren jabe, jaka marroian eta praka beixetan sartua; altuagoa eta argalagoa Bestea, hitsa, hauts kolorekoa ile, azal eta traje, gaubeilaren erdian hilkutxatik ihes egin balu bezala. Halako parea, elkarren parekorik gabea. Baina gertatu zen, biak futbol-zale amorratuak izanda, tabernako kirol egunkari bakarra eskuratzeko lehiak ondora eraman zituela lehendabizi, solasera bultzatu gero, eta adiskidetasunera azkenean, kirol kontuetan etsaitasun sanoa adostasuna baino emankorragoa izan ohi baita, eta haiek halakoxeak ziren, etsaiak futbolean. Odolean lanaldiaren bukaera arteko nikotina gaindosia bildu bitartean, futbolaz eztabaidatzen zuten gehienbat, erretzaileen kontrako diskriminazioaz ere bai, tabernetan ere erretzea debekatuko omen zutela laster, edo agintariek etorkinei zieten gehiegizko begiruneaz, erretiro desiratuaz, goizeko trafikoaz eta, orokorrean, gogaitzen zituzten arazo profano guztien irtenbide sakratuez. Hala, sinbiosi interesatua sortu zuten kafe orduan lan gogaikarriaz eta lankide gero eta gazteagoez beste egiteko, baina harago joan gabe, laguntasunean sakontzeko bestelako interesik gabe. Zirika eta bizkar-zaplada ustez lagunkoiak baimentzen zituzten, gaiztoak eta zakilak; demaseko konfiantza, bada, benetakoan ez sartzeko. Testosteronaz gainezkako giroan gustura sentitu ohi zen Martxelo, elkartean zein tabernan, elizkizun-osteko tripa-festetan zein urbanizazioko urteroko orritsean... beti ere zigarro eta puruen keaz inguraturik, koparik ezean, kafea, gizonezkoekin bat eginda, emakume koadrilen beldur eta aparte. Pozik, bada, zoriontasunaren lozorroan, bizitzaz gozatzen, bizitzaz gozatzeko modu hoberik ba ote dagoen pentsatu gabe. Horrenbestez, halaxe sentitu beharko zen adiskide berriarekin ere, ezpal berekoa izanda hura, baldin eta denbora aurrera joan ahala ezpal batek haragi-arima zornatu ez balio: nahiz eta elkar ezagutu zutenetik asteek hilabeteak osatu, Martxelok artean ez zekien Bestearen izena. Gizalegezko aurkezpenak egin egin zituztela gogoratu uste zuen: “...ni urlia naiz”, “...ni sandia”. Eta ziur aski gizalegezko aurkezpenak izan zirenez, bada, izena entzun eta ahaztu. Gertaerak ez zeukan inolako berezitasunik. Askotan gertatzen da hori ezagutu berriekin. Halako harreman azalekoa sortzen da egunez egun, begiruneko agurrak eta solasak. Gero, lotsa da galdetzea, batez ere besteak norberaren izena dakienean eta norberak ez bestearena, hain zuzen, Martxelori gertatzen zitzaion bezala: “Aizak, Martxelo...”, “Hara, Martxelo...”, “Ez adarrik jo, Martxelo...”, gustuko baitzuen Besteak lagunaren grazia ahoan ibiltzea, gehienetan zirikatzeko, hainbesteko bizitasunez, bizipozaz, aldean are ulergaitzago egiten zuen haren itxura hitsa eta makala. Martxelok, noski, ezin eman proportzio bera, hamaika izen mihiaren puntan eta ezin gogoratu zuzena, ezin bueltatu ganorazko ziririk bezperako partidu ustez kaskarraz edo Bestearen taldeko entrenatzaile aho beroaz... ezin aurrera egin Bestearen izena aurretik esan gabe, eztarrian gainerako hitz guztiak buxatzen zituen apoa baleuka bezala. Horren ordez, totelka hasten zen modu barregarrian, “Eta hi, zera... nik ez... zera”, eta orduan Besteak atzera hitza hartzeko baliatzen zuen aukera, “Tira, tira, Martxelo...!”, irribarretsu eta garaile. Gero, beti berandu, bulegora bueltan etorri ohi zitzaion burura erantzun egokia, edo komunean tripak libratzen ari zela, edo ohean loak hartu ezinik, burkoarekin borrokan eta emaztearen hanka errugabeei ostikoak jotzen. Hurrengorako gordetzen zuen, baina hurrengoan totelka hasten zen berriz, ateraldia gogora ekarri gabe. Funtsean, arazoak burugogorkerian eta harrokerian zuen oinarri. Beste edonork hirugarren edo laugarren astean galdetuko zuen azkenean, baldin eta beste bide batez izena jakiteko paradarik izan ez balu. Hain tematia izan ez balitz, erraz konponduko zuen. Azken finean, inor ez da haserretzen horrelako okerren bat medio. Baina Martxelok hasieran pentsatu zuen noizbait gogoratuko zuela, ez zeukala Besteari zertan eskatu atzera. Bestela, nahikoa izango zuen belarriak luzatzea demontrezko izena noiz entzungo, noizbait ager baitzitekeen Bestearen ezagunen bat, “Aupa, urlia...”, edo deiaren bat jaso baitzezakeen, “Bai, urlia naiz...”. Eta, hala ez bazen, begiak ere luzeak zituen Martxelok lagunak diru-zorroa ateratzen zuen aldiro, nortasun-agiria edota kreditu txartelen bat ikusteko irrikan. Ia erotu egin zen Besteak agenda bat ekarri zuen egunean: barra gainean utzi zuen bien artean, ahurraren azpian, eta Martxelok tarte osoa eman zuen azala jasotzeko aukeraren zain, barruan jabearen izen-abizenak idatzita egongo zirelakoan. Agenda ona izan balitz, behintzat, goretsi ahal izango zuen, esku artean hartzeko aitzakia izango zuen, non erosi zuen galdetzeko edo. Merke-merkea zen, ordea, eta Bestea ez zen une batez ere despistatu. Gero, bulegorako bidean pentsatu zuen agendako mapa jar zezakeela aitzakia, kontsulta egiteko, edo egutegia... Berriro berandu. Eta horrela egunak, asteak, hilabeteak... eta harrezkero beranduegi zen, noski, bere hutsa aitortzeko; ez hainbeste denbora pasa ondoren, ez hainbeste txantxa, hainbeste bizkar zaplada, Ligaren egoerari buruz hainbeste analisi serio eta zorrotz egin ondoren; areago, kafeak ordaintzeko hainbeste norgehiagoka lotsagarriren ondoren. Harrezkero, despistea ez, hainbat hilabetetan gezurretan ibili izana aitortu beharko zion Besteari. Lotsari baino beldur handiagoa zion umiliazioari. Bazekien, haserretu edo mindu beharrean, asto hilari ostikoa jotzeko erabiliko zuela Besteak, oso herratsua baitzen. Edozein huts edo hanka-sartzerik egin, eta ez zuen aukerarik galtzen. Behin, kasu, denboraldiko lehen Derby-aren bezperan Martxelok Bestearen taldeko jokalari kamerundar fitxatu berria gutxietsi zuen; gero, kamerundarrak lau gol sartu eta erabateko gehiegikeriaz aritu zitzaion Bestea aste oso batez, txantxa bien artekotik harago eramanez: —Martxelori ez atera ebakirik, Martxelori txokolatea atera, Kamerungo txokolatea! — esaten zion temati kafetegiko zerbitzari ezaxolari, beste bezeroak irribarrez begira. Tamalez, derby hura Martxeloren taldearen erabateko gainbeheraren hasiera baino ez zen izan. Ordura arteko martxa eskasari utzi eta bete-betean hasi zen maldan behera, partiduak bata bestearen atzetik galduz. Eta, tamalez ere, Bestearen taldeak goiko postuei eusten zion finko, loriarik ezagutu gabe, baina gero eta joko hobea eginez, Europara sailkatzeko aukeran. Egia zor, bat izan zen Bestea ezagutzea eta zelaian gauzak okertzen hastea. Martxelok ez zeukan zorikate hura oharkabe. Oso arrazionalista izanik ere —kargu eta erdeinu ederra hartu zion behin emazteari telebistako tarot saio batean ikusitako errituala etxean egiteagatik, kasu—, zelaiko kontuetan emana zen oso sineskerietara: halakok zori ona eta halakok zoritxarra. Eta Bestea zoritxarraren eremuan zegoen, noski, futbol zelaiko gorabeherak Martxeloren eta Bestearen gorabeheren isla izango balira bezala, hari karmiko baten ondorio. Martxelok lausoturik zeukan lehen topaketa hura. Azaro aldean izan zen. Nahiko seguru zegoen horretaz, azaroan egin zuelako bere taldeak azken partidu ona, harro egoteko modukoa, Rosseti entrenatzaile fitxatu berriaren estreina; eta gogoan zeukan, halaber, zein pozik abiatu zen astelehen hartan kafetegira egunkarian bezperako partiduaren kronika irakurtzeko irrikan, edonoren gustukoa baita jakina dena hitz gozoz berriro entzutea edo irakurtzea. Tabernara sartu eta gakotik egunkaria hartzera joan zenean, ordea, ez zuen aurkitu: norbaitek barra gainean zeukan zabaldurik. Zori txarra, batzuetan halaxe izaten da. Baina biharamunean berdin, eta berbera ere gizona. Saiatu egin zen hirugarren egunean lehenago joanez egunkariaz jabetzen, bost minutu lehenago, hamar... ordu laurden ostiralean. Dena alferrikakoa izan zen: betiko lekuan topatu zuen arrotz agertu berri hura egunkaria irakurtzen, berari goizeroko plazera izorratzen, astelehenetik ostiralera. Kontua ezin amorragarriago egiten zitzaion. Ez zuen alferrik jotzen kafetegi hartara, bulegotik urrun samar, hurbilago beste batzuk egonda, baina lasaiagoa, hain zuzen ere, kirol egunkari hura irakurri ahal izateko. Horregatik, aste osoan egunkaria ukitu ezinik ibili ondoren, eskubide aldarrikapena iruditzen zitzaion une batez bederen hartaz jabetzea, eremua markatzeko. Bestearen ondora ausartu zen gogaiturik, hasieran zuhur, begiak luzatuta, kafeari zurrupaka baina ondoko askan muturra sartzeko gogoz. Minutuak aurrera joan ahala, gero eta nabarmenagoa egin zitzaion ezinegona, zigarrokina bota, zigarro berria piztu. Besteak ezaxola jarraitu zuen irakurtzen. Bero-bero eginda zegoen Martxelo, liskarrerako ere prest, Bestearen aldamenean arnasari eusten, eskuak barra ertzean zurrun, begiak nabarmen iltzaturik egunkarian, nabarmen samar, alegia, tabernako edonor beraren ezinegonaz kontura zedin; eta, edonor bezala, ondoko gizon hura bereziki. Baina ez zen hala izan, edo ez zuen konturatu nahi izan. Eta hara non, halako batean, gazte bat agertu zen atzetik eta egunkaria eskatu zion Besteari, ea bukatua zuen, ea inporta zitzaion une batez uztea; eta Besteak, “Noski, noski, har ezak!”. Hura gehiegi izan zen Martxelorentzat. Besteari gordetzen zion tonu zakarraz egin zion demanda gazteari, berak ere irakurri nahi zuela eta itxoiteko. Kikildurik joan zen gizajoa. —Tira, barkatu. Ez nekien nik... —desenkusatu zen Bestea—, ...eskatu besterik ez zenuen. Hartu, hartu egunkaria, mesedez. Martxelo lotsaturik sentitu zen. Atzera egiten saiatu zen, errua berea zela, baina gaur egungo gazteen begirune eza, ea zigarroren bat nahi zuen... Besteak, eskainitako zigarroa hartuta, irribarrez erantzun zion errua inorena izatekotan Rosseti entrenatzailearena zela halako txorakeriak esateagatik, eta Martxelo bat etorri zen Bestearekin, Rosseti hura harroputz galanta zela, oso entrenatzaile ona bazen ere... Martxelok ez zuen besterik gogoratzen egun hartaz, baina pentsatzen zuen solasean jarraitu behar izan zutela kafea bukatu eta bulegora itzultzeko garaia iritsi zitzaien arte, orduantxe izango zirela gizalegezko aurkezpenak: “...ni urlia naiz”, “...ni sandia”. Eta, horixe, esanda dago: gizalegezko aurkezpenak izan zirenez, izena entzun eta ahaztu. Eta, zakurraren putza, astelehenean Besteak gogotsu agurtu izan ez balu: —Eskatu besterik ez daukak, Martxelo! —esan zion tabernan sartu orduko, egunkaria eskaintzen ziolarik. Eta handik aurrera Besteak egunero errepikatuko zion ziri berbera: “Eskatu besterik ez daukak...” Martxelok irribarre egiten zuen beti. Zer egin, bestela? Gero, elkarrizketaz beste eginda, bere baitan biltzen zen oroimenaren zirrikitu guztietan bilatzeko, halako izenaren antzekoa zela, baina ez zela hura, antzekoa baizik, etengabe mihiaren puntan, kiliki egoskorraren moduan. Ezinegon handiaren arrazoia zen berarentzat. Lasaialdi ederrak ziren orain asteburuak; lasaialdi ederrak larunbat goizak, hipermerkatuko pasillo estuetan orgatxoa gidatzen eta emazteari hara-hona jarraitzen. Eta iritsi egin zen denboraldiko bigarren derbya. Igandea zen eta goizean Martxelok txirringa hartu zuen, tarteka-marteka egiten zuen bezala. Zaku bete haragi maillot-kulero estuetan sartu, eguzki-betaurrekoak eta kaskoa ondo doitu, eta idiaren kemen patxadatsuaz eragiten zien pedalei. Aldirietako errotondak atzean uzten zituenean, abiada bizkorrean sartzen zen errepidean. Gustuko zuen haizearen fereka bibotetzarrean sentitzea. Horrela baino ez zituen barrukoak lasaitzen, astean metatutakoak baretzen. Lasaitzeko ohi baino buelta luzeagoa ere egin behar izan zuen hartan. Berandu iritsi zen bazkarira, baina horrek aitzakia eman zion partidua hasi arte etxean geratzeko, kuluxkan, emazteak eta alabak paseoa egiten zuten bitartean. Futbola zegoenez, ilundu arte ez ziren itzuli. Zinemara joan ziren. Zazpiak laurden gutxitan telebista piztu zuen. Etxeko sofa erosoaren erdian eseri zen. Goizeko saioan ondo merezitako garagardo botila esku batean eta urrutiko agintea bestean. Erronka egina zuen bere buruarekin: partidua bukatu baino lehen Bestearen izena gogoratzen bazuen, irabazi egingo zuten. Hankak luzatu eta oinak aurreko mahaitxoaren gainean jarri zituen, etxean bakarrik zegoenez. Baina emaztearen errieta ez zen beharrezkoa: partidua hasi eta bost minutura zintzo eserita zegoen sofaren albo batean, oinak lurrean, ukondoa beso-euskarrian eta burua esku-ahurrean bermaturik. Garagardoa, mahaitxoaren gainean ahazturik. Ezin izan zuen Bestearen izena gogoratu, noski, eta lehen hamar minutuetan bi gol sartu zieten, eta beste bi partidua bukatu baino lehen. Berriro ere lau gol, eta berriro ere laurak kamerundarrak sartu zituen. Martxeloren mutilek sartu zuten gol bakarra, berriz, baliogabetu egin zuen epaileak, jokoz kanpokoa zelakoan. Orduan, Rosseti entrenatzailea imintzioka hasi zen, ahotik txiklea atera eta amorruz bota zuen belarretara. Eta artean imintzioka ari zela kanporatu zuten zelaitik. Partiduaren osteko laburpenetan hamaika aldiz errepikatu zituzten irudiak, azeleratuta zein motelduta. Emazteak eta alabak ohean etzanda topatu zuten zinematik bueltan; ez omen zeukan afaltzeko gogorik. —Gaixorik zaude, aita? —Bai zera gaixorik! —erantzun zuen amak erretxin senarraren kopetatik eskua jasota—Futbolak gaixoturik...! —Bueno, nahikoa da biok...! Bakea emateko, mesedez! —eta beste aldera agondu zuen Martxelok gorputzarra somierra lehertu beharrean, bizkarra emateko. Bakea eman zioten, baina bakerik ez bere baitan. Nola edo hala jakin behar zuen Bestearen izena, nola edo hala atera behar zuen (zuten) sorgin gurpil hartatik, zurrunbilotik, putzuaren hondora iritsi baino lehen. Bestearen izena argitzeak baino ezin zituen zoritxarretik atera, bera eta bere taldea. Ordu biak aldera isilka altxatu zen egongelara joateko. Telebista piztu eta kateen artean tarota botatzen duten horietako bat bilatu zuen. Emakume zaharra zen, telebistan etorkizuna iragarri zein higiezin-agentzia batean etxeak saldu, itxura berbera izango zuen andreak. Martxelok pantailako zenbakia markatu zuen telefonoan. —Pertsona horren izena? —galdetu zion aztiak—. Ene, maitea, ezin dizut hori esan, kartek ez dute nahi duguna esaten, ze bestela denok loteria zenbakia galdetuko genuke. Baina nik hemen ikusten dut kezka handia daukazula pertsona horrekin, eta osasuna zaindu behar duzula... Beno, ez dakit, nik hemen M handia ikusten dut, baina B ere izan liteke... ez dakit, seme, ez dakit... kartak ez dira argiak. Gelatik emaztea entzun zuen deika, eta ohera itzuli zen, etsi zein lotsatu, baina burutik erronka kendu ezinik. Nahita izen okerra eman zezakeen, oharkabean bezala: “Aizak, Imanol, hi oso seguru hago bigarren mailara jaitsiko garela”; gero, Besteak zuzendu ondoren, “Aizak, ni Urlia nauk!”, edonork izan lezakeen oker bati egotzi ahal izateko: “Zer esan dut, ba? Noski, noski, Urlia!”. Baina gerta zitekeen Besteak erantzutean izenik ez esatea: “Aizak, ni ez nauk Imanol! Zer duk, bada, ez dakiala nire izena?”. Orduan, komeriak izango zituen atakatik ateratzeko. Erraz irudika zezakeen Bestea kafetegiko guztiei dei egiten, arreta bereganatzen, auzo laidoan parte har zezaten, eskolako patioan ume batek praketan txiza egiten duenean bezala, eta areago hondoratu zuen burua burkoan, areago uzkurtu zen ohean, irudi hartatik ihesi. Emazteak hasperen egin zuen, erdi lotan. Orduan kamerundarra agertu zitzaion, eta bera atezaina zen, ikusleek harmailetatik algaraka, barre egiten, komuneko papera botatzen..., baina denek zeukaten aurpegi berbera: denak ziren Bestea. Biharamunean eldarnioak iruditu zitzaizkion bezperakoak. Gainera, harrezkero alferrikakoak ziren plan guztiak, berandu zen, Besteak egia jakin behar zuelako, berarekin jolasean ari zelako, adarra jotzen, noiz harrapatuko, noiz eman azken kolpea, bien bitartean egoeraz gozatzen, horregatik hartzen zuen gero eta erdeinu handiagoz... Dutxak eta bizarra egiteak zertxobait osatu zuten, baina sukaldean gosaltzen ari zela entzun zuen albistea telebistan: Rosseti entrenatzaileak dimisioa eman zuen. Bezperan eztabaida latza izan omen zuen taldeko presidentearekin jatetxe garesti bateko erreserbatuan; garrasiak jantoki osoan entzun omen ziren eta, partiduan bezala, bukatu baino lehen alde egin omen zuen Rossetik bere onetik aterata, postreetara iritsi baino lehen, alegia. Bigarren entrenatzaileak hartuko zuen taldearen ardura denboraldia bukatu arte. Goizaren lehen partean, Martxelok irmo eutsi zion egun hartan kafetegira ez joateko asmoari, agian ez zela inoiz itzuliko, eta inoiz itzultzen bazen, aurrerantzean kate motzaz hartuko zuela laguna, txantxa gutxi jasango ziola; areago, egun hartan bertan joaten bazen, azkenean joatea erabakitzen bazuen, eta ez zekien ziur, Besteak koldarkeriaz salatu ez zezan joango zela, akaso txarrak bai, baina haiek koldarrak ez zirelako, epailea erosi beharrik ere ez zeukatela. Rossetik gauza asko gaizki egin zituen, horretaz ez zegoen zalantzarik, baina bera zen egoeraren erruduna? Ezta pentsatu ere! Rossetik baino lehenago beste askok alde egin behar zuten, jokalarien erdiek gutxienez bai, alfer halakoak! Baina, lehenik eta behin, presidenteak, jakinak baitziren haren negozio ustelak, nolako iruzurrak eginak zituen eta nola erabili zuen kluba patrikak areago betetzeko. Presidentetzara iritsi orduko, adibidez, klubaren porrot ekonomikoa eta epaileen esku hartzea saihestu omen zuen maileguaren berri eman zuen harro prentsaurreko batean, bankuekin negoziazio latzen ondoren lortutakoa zela eta bere ondasunak ere jarri behar izan zituela berme, santu salbatzaile ageri, baina ez zuen esan mailegua hiriaren erdian hogei solairuko dorrea eraikitzeko ere bazela eta bermeak, estadioaren gaineko hirugarren hipotekaz gain, dorrearen orubea bera baino ez zela, orube jabea kluba zela! Eta gero, akziodunen batzarrean, denak txaloka! “ ...eta hara zer esaten diadan!”, esan zion Martxelok lagun kikilduari, “Rossetiri porrota kudeatzeko aukera baino ez ziotek eman, besteek patrikak bete dituzten bitartean!”, eta gero zerbitzariari begira, “Ekarri txikle bat nire lagunarentzat, duintasuna zer den jakin dezan!” Buruan erraza zen Besteari berea ematea, baina kafe ordua iritsi zenean, bekainak eta bibotetzarra bat egiteko ahaleginean sartu zen Martxelo kafetegian, eskuak praketako patriketan hondoratuta, begi zirrikituetatik ingurura begira. Ez hain duin. Adiskidea barrako betiko tokian zegoen bezperako partiduaren kronika irakurtzen, masailezurra zintzilik, hain zuen zabala irribarrea. Martxelo berehalaxe konturatu zen Bestearen ezohiko zurbiltasunaz, aurpegian zein eskuetan, bezperako bestondoaren ondorioak, pentsatu zuen, eta txar-txarrik ez, baina egun batzuetarako ohea desiratu zion mendeku, krisi hepatikoren bat tarteko. —Martxelo! Eskatu besterik ez heukan! —agurtu zuen lagunak garrasika, Martxelo artean bide erdian zetorrela. Pozik eta sasoiko zegoen, janzten zuen zurbiltasuna arrotz zitzaiolarik aldarteari. —...honi ebakirik ez, honi txokolatea atera, Kamerungo txokolatea! —esan zion segituan zerbitzariari, aurreko hartan bezala. Eta, kolikorik gabe, bi pintxo tortilla jan zituen bezperako partiduan Martxeloren taldeak egindako huts guztiak banan-banan birpasatu bitartean. —Martxelo, nik ez zekiat zertarako fitxatu genuen beltza. Ume batek lau ez, baina, gutxienez, bi gol ere sartuko zizkizueten! Horrek ez dik emoziorik! Eta Rosseti! Bejondeiola! Txikle bat Rossetirentzat! —eskatu zion zerbitzariari. Egun hartan zenbaketa egin zuen Martxelok: kafetegian egon zen hogeita zortzi minutuetan Besteak berrogeita hiru aldiz ahoskatu zuen bere izena. Tankera berean igaro zen astea, harrapakinari lagina sartuta eta askatzeko batere asmorik gabe. Martxelo amorruak gorritzen zuenean baino ez zuen apaltzen tonua Besteak: —...baina, Martxelo, ez haserretu! Futbola besterik ez duk eta! Oso serio hago, gizona! Orduan, zirikak albo batera utzi eta tonu adiskidetsuan hasten zitzaion analisi serioa egiten: liga bero-bero zegoela, aste batzuk falta zirela bukatzeko eta ez zegoela ezer argi, ez goiko postuetan ez behekoetan. Eta onartu ere onartzen zuen Martxeloren taldeak oraindik aukeraren bat zeukala salbatzeko... Martxelok, ordea, barrari bi eskuekin helduta entzuten zion lagunari, tarteka zigarroari zupada azkarrak egiten, mutu. Aldarte jatorrez mozorroturiko harrokeria hark areago hondoratzen zuen amorru isilean. Nekez eutsi ahal zion pikutara bidaltzeko gogoari, pikutara edo Rossetiren txikle galdua bilatzera. Eta hala egiteko zorian egon zen behin baino gehiagotan, “Aizak, hi, zergatik ez hoa Rossetiren txiklea bilatzera!”; baina burua jasotzera ausartzen zenean, Bestearen aurpegi zurbil pattalarekin egiten zuen topo beti. Apopilo geratu zitzaion azalaren hauts kolore hura, akaso zurbilago, egunez egun zurbilago. Martxelok berriro makurtzen zuen burua, ia lotsaturik, laguna zinez gaixorik egon zitekeela ere pentsatzen hasita, eta enpatiagatik, hipokondriagatik, ondoezik jartzen zen bera, sukarrak hartuta, goragalea sentitzeraino. Adin arriskutsuan zeuden biak, prostata zaindu beharra zegoen, bihotza... Agian horregatik zen hain zakila Bestea, ustezko gaixotasunak eragindako depresio itzela ezkutatzeko, hain zuzen... Eta beste zigarro bat piztu eta eztulka hasten zen Martxelo. —Martxelo, gehiegi erretzen duk. Rosseti ere hasi omen duk berriro erretzen! Txikleak bukatu zaizkiok eta! Eta Martxeloren bizkarrean zaplada parea jo, sasoikoak, indartsuak, azala zurbildu arren, gero eta sasoikoago, gero indartsuago Bestea, gero eta zakilagoa. Ostiralean lehenago joan zen lanetik etxera, gripeak hartu zuelakoan. Arratsaldea sofan etzanda eman zuen tapaki baten azpian. Afarirako, hobeto sentitu zen, baina oraindik ere sumindurik, kopetilun inguruko guztiekin. Emazteak zer zeukan galdetu zion, eta ez zeukala ezer; alabak amari gero, eta honek aitari galdetzeko, haserre, berak ez zekiela. Medikuarenera joan zen. Emazteak bidali zuen, mehatxatu: —Baina zuri normala iruditzen al zaizu horrela ibiltzea? Zu ez zaude ondo, Martxelo! Edo medikuarekin hitz egin edo telebista hori leihotik botako dut! —Aita, amak arrazoi du! Zurea futbolarekin ez da normala! —lagundu zion atzetik alabak. —Zergatik ez zoaz txirringaz buelta ematera, ba? —Bueno, nahikoa da biok! Bakea emateko! Halere, medikuarenera joan zen eta aspaldion indar eta gogorik gabe sentitzen zela kontatu zion, ikusmena ere makal, batzuetan lausoturik ikusten zuela, gauza batzuk lausoturik ikusten zituela... Medikuak galdera ikurrak jantzi zituen begietan: —Nola gauza batzuk? Zer esan nahi duzu? Martxelok azaldu zion batzuetan zerbait gaizki ikusten zuela, lausoturik, desenfokaturik balego bezala, edonondik begiratuta ere, inguruko guztiak ondo ikusten bazituen ere. Medikuak harridura handiagoz begiratu zion: —Zein objektu, testuak, ordenagailuko pantaila? Edo orbana da begian? Martxelo une batez isilik geratu zen: —Ez, ez da hori, ez da ordenagailua, ez da objektu bat... pertsona bat da. Gero eta lausotuago ikusten dut pertsona hori! Martxeloren azalpenak entzun ahala, ustez kontra, medikua lasaitu egin zen: —Ez dut uste arazo fisikoa denik. Psikosomatikoa dirudi, ziur aski estresak eraginda. Analisi batzuk egingo ditugu. Dieta bati jarraitu beharko diozu. Martxelo asaldatu egin zen. Oraindik artatze-ohean eserita jarraitzen zuen, gerritik gora biluzik eta tentsioa neurtzeko gailua besoan, medikuak mahaian txostena idazten zuen bitartean. —Ez, ez duzu ulertzen! Hirugarrenak gara behetik, baina bigarrenak adina puntu dugu, eta partidu bakarra falta da liga bukatzeko, eta laugarrenak ere puntu bakarra dauka gurekin! Gero Besteaz mintzatu zitzaion berriro, haren zurbiltasun arraroaz, haren zerikusia gertatzen ari zen guztiarekin, ezinbestekoa zela Bestearen izena jakitea bigarren mailara jaitsi nahi ez bazuten. —...zuek hemen psikiatrak dituzue, eta nik pentsatzen dut agian, ez dakit, agian hipnosia erabil dezaketela nirekin, agian horrela gogoratuko dut izena, eta hipnosia... hipnosia erabiltzen dute, ezta? Medikuak ezetz esan zuen burua ezker-eskuin astinduz, nahikoa zentzugabekeria entzunak zituen: —Ahaztu kontu horiek! Egunerokoak gainezka egiten digunean, ez da arraroa zerbait edo norbaitekin obsesioa hartzea... —azaldu zion mekaniko batek autoaren matxuraren berri ematen duen interes berberaz—. Buruaren mekanismoa da. Baina hori ez da arazoaren sorburua. Ohiturak aldatu behar dituzu, eta batez ere ez ikusi partidu gehiago. —Baina arazoa ez da hori! —ekin zion atzera Martxelok— ...arazoa kafetegiko gizon hori da! Bere izena jakin behar dut... —A, noski, kafea ezta probatu ere! —Partidu bakarra falta da! Medikua deblauki jaiki zen aulkitik, ahurrak mahai gainean jarri eta beso luzeetan bermatu zen Martxelori ahalik eta serioen erantzuteko, buruz buru: —Jauna, ziur egon zaitez zuk adina sufritu dudala nik aurten, baina errudunen bat baldin badago, ez da zure lagun hori, Rosseti baizik! Nori bururatzen zaio hogei milioi kostatu den jokalari bat denboraldiaren erdian bankuan edukitzea? Nori, ba? Zergatik eta entrenamendu batean aurre egin ziolako? Nori bururatzen zaio? Orain, dena galdatuta, ospa egin du koldarrak! Baina hori ez da larriena... Roossetik sortzen zion amorrua apaldu ahal izan zuenean, medikuak estresak eragindako depresio arina diagnostikatu zion Martxelori. Errezeta eta nekez beteko zuen aholku sorta emanda agurtu zuen kontsultatik. —Hobe duzu gizon hori ahaztu. Ni ez naiz psikiatra, baina esango nuke zure lagun hori Rossetiren irudipen subkontzientea dela zuretzat. Zoaz beste kafetegi batera. Oso urte txarra izan da! Harrituko zinateke zenbat baja eman behar izan dudan depresioen ondorioz... Denok ari gara sufritzen! Eutsi! Berunez zamatu ziren azken partiduko eguneko orduak. Sorgorturik egon zen Martxelo une oro. —Ez didak sinistuko, Martxelo, baina gehiago sufrituko diagu guk derbyrik gabe. Nori sartu behar diogu orain lau gol segidan? —zirikatu zuen Besteak goizean. Martxelok ez zion erantzun, ez zion entzun, harrezkero etsia zuen patua, ez zion begiratu ere egin nahi izan hazpegirik eta zimurrik gabeko aurpegi zuri hari. —Tira, Martxelo, bihar beste egun bat izango duk. Pentsa ezak onenak izango zaretela hurrengo ligan, bigarren mailako onenak! Arratsaldean egongelako sofan eseri zen partidua ikusteko, gorputza zurrun, bizkarraldea ukitu gabe, besoak izterren gainean. Ez zen mugitu tarte osoan, ez iragarkietan, ez atsedenaldi luzean. Aurreko mahaitxoan emazteak paratutako garagardoa ez zuen probatu ere egin. Hiru gol sartu zizkieten. Bigarren mailan zeuden. Baina, Besteak iragarri bezala, biharamunean egun berria etorri zen. Iratzargailuak jo baino lehen esnatu zen Martxelo. Hutsik sentitzen zen, etereo, ez pozik ez haserre, ezaxola. Bulegora iritsi zen eta ezin izan zuen gogoratu nola iritsia zen. Ez zen, hala ere, batere kezkatu. Erlojua begiratu eta hamaikak hamar gutxi zirela ikustean, berdin gertatu zitzaion, goiz erdia zertan eman zuen gogora ekarri ezinik. Besterik gabe, aulkitik jaiki eta igogailurantz abiatu zen. Estreinakoz kafetegira Bestea baino lehen ailegatu izanak ere ez zuen poztu; halaber, ez zuten batere samindu egunkariaren azalean bezperako partiduaz irakurri zituen hitz ankerrek. Ukitu gabe utzi zuen barra gainean. Aterantz eraman zuen begirada lagunaren etorreraren zain. Laster, baina, orri pasen karraskak berriro atzera begiratzeko gonbita egin zion. Hantxe zen Bestea, bere atzean, barra gainean egunkaria lasai irakurtzen. Hain zegoen lausoturik, haren haragian zehar ere ikusten zuen Martxelok, pertsona ez, mamua balitz bezala. Zerbitzariarekin hasi zen hizketan, eta zerbitzaria ere mamua zen; kafe-makina ikusten zen haren bularrez harago. Ingurura begiratu zuen: kafetegiko pertsona guztiak mamuak ziren, kalekoak ere bai. Hezur-haragi osokoa Martxelo baino ez zen. —Martxelo, gaur ez da etorriko zure laguna, bibotedun hori? —galdetu zion zerbitzariak Besteari, hormako erlojuari begira. Berandu zen, bulegora itzultzeko ordua, eta Besteak txanpon parea utzi zuen barra gainean, zerbitzariak jaso. Baina nekez ikusi ahal izan zuen hori Martxelok, desagertzeko zorian zegoen kea zirelako biak, azken txiringola egin nahian. Bestearen irribarrea antzeman uste izan zuen airean. Alabak aurkitu zuen Martxeloren gorpua sofan eserita, begiak zabalik, telebista pizturik, partidu bukatu berriaren laburpenari begira. Galdeketa Bulego bateko gela laukizuzena, leihorik gabekoa, baina pasilu aldera kristal bikoitzeko beiratea dauka ate ondoan, veneziar estiloko estore zuriak itsuturik. Sabaiko fluoreszenteek demaseko argitasuna ematen dute; areago, horma biluztuetan islaturik. Gelaren erdian burdinazko mahaia dago, grisa. Telefono bat baino ez dago gainean. Mahaiaren atzean aulki bat, eta aurrean beste bat, berdinak biak, burdina kromatuzkoak hankak eta ehun berdez tapizatutakoa bestea. Aurreko aulkian gizon bat dago eserita, horma aldera begira; atzekoan polizia, ate aldera begira. —Non gertatu zen? —Esan dizut... Ez dakit, mendiko bide zaharreko bihurgune batean, ez dakit non, mendatea igo baino lehen. Itzul ninteke, edo mapa ekarriko bazenu... —Zer egiten zenuen han? —Mendira joan nahi nuen, perretxikotara... —Ez duzu lanik? —Langabezian. —Eta mendira joatea erabaki zenuen. —Bai. —Nora joan nahi zenuen. —Esan dizut, mugaldeko basoetara. —Zergatik hara? —Ez dakit. Zergatik ez? Hara joaten naiz beti. —Baina zure emazteak esan digu berak ez zekiela, goizean ez zeniola ezer esan. —Semea ikastolan utzi ondoren erabaki nuen. —Mendira joatekotan norbaiti esan behar zaio. Zergatik ez zenion emazteari deitu esateko? —Perretxiko batzuk bildu nahi nituen, ez alpinismorik egin! —Ez haserretu. Dena argitu nahi dut, besterik ez. Ulertzen? —Bai, noski. —Nolakoa zen? —Ez dakit, gizon gaztea, argala... ez dakit, normala. —Zer da normala? Zu normala zara? Ni normala naiz? —Ez, bai... ez dakit. Arropa iluna zeukan, txanoa buruan, gorria. Nik batez ere pistolari begiratzen nion. —Eta eskuak? —Ez dakit, eskularruak zeuzkan, nik uste —Baina inguruak ondo ezagutzen zituela iruditu zitzaizun, bazekiela aldez aurretik nora eraman behar zintuen, ezta? —Bai, hala ematen zuen. —Zergatik gelditu zinen errepidean? —Baina aurre-aurrean jarri zen, errepidearen erdian, pistolaz apuntatzen! —Bai, noski. Halere, pentsatzen dut motel samar ibili behar zenuela. —Motel? Bai, noski. Errepide horretan... —Baina txanoduna autora sartzeko albo batera joan zenean, zuk azeleragailua zapaltzea zenuen; ihes egiteko, esan nahi dut. —Bada, ez zitzaidan bururatu! Pistolaz apuntatzen jarraitzen zuen. Ez dakit, ba... paralizaturik gelditu nintzen. Ez zen oso zuhurra izango, ezta? —Beharbada jakin-mina zenuen... Ez, ez begiratu horrela. Gauza horiek subkontzienteak erabakitzen ditu. Askotan gertatzen da: erabakia norberak hartu duela pentsatzen da, baina subkontzienteak hartu du; kasu honetan, azeleragailua ez zapaltzeko erabakia. —Ez, ez... Ez neukan batere jakin-minik! —Jakin-min subkontzientea esan nahi dut. Orduan, azeleragailua zapaltzeko aukera izan bazenuen ere, ideia bera, eta horrenbestez ekintza, blokeaturik geratuko zitzaizkizun kontzientean. Baina jo dezagun hasierara, mendiko bide zaharretik joateko erabakira... —Ez dut ulertzen! —Ez duzu ulertzen? Errepide horretan behin baino gehiagotan gertatu dira bahiketak, eta halere zuk handik joatea erabaki zenuen. Zergatik? —Ez nuen uste halakorik gerta zitekeenik. —Zure kontzienteak ez, baina zer diozu zure inkontzienteaz? Arriskua gustatzen al zaizu? —Nik perretxiko batzuk bildu nahi nituen, besterik ez! —Perretxikoak bildu nahi zenituen, ezta? Eta zer gertatu zen gero? Txanodunak ipuinak irakurri bitartean, zer sentitu zenuen? —Baina loturik nengoen, ahoan galtzerdia neukan! —Asko sufritu zenuen, ezta? —Bai, oso gaizki pasatu nuen! —Bai, bai... Hara, nik uste dut onena gertatutakoa hasieratik kontatzea izango dela, ea oharkabean zerbait pasatu zaigun. —Berriro? —Zure istorioa gustatzen zait. Oso ondo kontatzen duzu, bost aldiz, gainera; eta, bejondeizula, ez dut kontraesanik aurkitu. —Egia esan dudalako. —Ni ez nago hain ziur. Ba al zenekien egia dioenak ez duela halakorik egiten? Ez, ez, ez begiratu horrela. Segituan azalduko dizut: egia dioenak detaile berriak gogoratu ohi ditu gertaera bera errepikatzean, edo datu berririk ezean, datuak beste modu batez azaltzen ditu... Nola esan? Beste sintaxi bat erabiltzen du. Zuk, ordea, berdin-berdin kontatu duzu bost aldietan, ondo ikasitako gidoia hitzez hitz errezitatzen duenak bezala. Eta orain nire galdera: zergatik ikasi duzu gidoi bat? —Ez dut ulertzen. —Galdera erraza da: zergatik ikasi duzu zuk gidoi bat? —Baina nik ez dakit... —Ez zara batere kolaboratzen ari. —Baina neu etorri naiz salaketa jartzera, neuk salatu dut gertatutakoa, eta zerbait leporatu nahi didazula ematen du! Inporta ez bazaizu, etxera noa. —Nora zoaz? —Etxera. Atxilotuta al nago, ala? —Galdera bat besterik ez dizut egin, ea zergatik ikasi duzun buruz kontatu behar zenuena. Ez dut uste haserretzeko arrazoia denik. —Atxilotuta nago? —Ez. —Orduan, joan naiteke? —Bai, noski. —Joango naiz, orduan. —Ez zaizu komeni. —Bai? Zer komeni zait, ba? —Egia esatea. Nik uste nuen hori argi zegoela. —Baina ez dakit zer nahi duzun! Dena kontatu dizut, eta ez zaizu gustatzen. Zer egin behar dut? —Nik egia entzun nahi dut. Hona etorri baino lehen, buruz ikasi duzu esan beharrekoa. Ez dut ulertzen zergatik. —Nik ez dut ezer egin! Ni biktima naiz! —Zergatik ikasi duzu buruz? —Ostia, beldur nintzelako! Ez dakit... Ondo egin nahi nuen salaketa. Ni ez naiz endekatu horietako bat! Ez dute nahikorik euren perbertsioarekin gozatzea, besteok kutsatu nahi gaituzte...! —Eta zu beldur zara orain kutsatuta ote zauden, errepikatu nahiko ote duzun... —Bai... Ez... ezetz esan nahi dut. —Batzuetan gertatu da: badago bai, entzundako hitz lizunak burutik kendu ezinik, errepide bakartietara itzuli denik, gehiagoren bila. Berriz entzun nahi dituzte... gero irakurri, gero ulertu. Orduan, buruan inoiz gertatu ez diren gauzak asmatzen hasten dira, paperera eramaten dituzte. Ba al zenekien lokal klandestinoetan ere biltzen direla? Adingabeak ere eramaten dituzte hara, euren seme-alabak! Goragalea ematen du! —Goragalea! Horixe sentitu nuen txanodunarekin! —Goragalea? Nik oso ondo ikusten zaitut orain, oso-osorik —Bada, traumatikoa izan da. —Traumatikoa? Hona bi pertsona mota etortzen dira salaketa jartzera: herritar zintzoak batetik... baina gaizki esan dizut: normalean hauek ez dira salaketa jartzera etortzen, deklarazioa ospitalean hartzen diegulako, artatu ondoren eta lasaigarriak hartuta. Izan ere, horrelako kasu batean normalena antsietate krisia pairatzea. Gero bigarren motakoak daude, kontzientzia zikina garbitu behar dutenak. Nazka sentitu uste dute, baina ondo dakite nazka hori ez diotela delituari zor, delituarekiko atxikimenduari baizik; bai, ekintza higuingarria bada ere, haien kontrakoa izan bada ere, erakargarria egiten zaie. —Baina... ez dakit, kasu guztiak ez dira berdinak, ezta? —Ez dira berdinak? Egia da, testu guztiak ez dira berdinak. Batzuetan estilo ariketa hutsalari egin behar dio aurre biktimak, inora ez daraman narrazio hotz bati... —Horixe, hutsala, hutsala iruditu zitzaidan! Horixe da hitza! —Eta hotz geratu zinen, ezta? —Horixe, hotz... —Horrek azaltzen du zergatik zauden hain osorik, noski. Baina arestian traumatikoa izan zela esan duzu. Traumatikoa ala hutsala? —Nik ez... ez dakit, biak... Ni herritar zintzoa naiz! Nik ez dakit ezer perbertsio haietaz, nik ez dakit zein den erreakzioa... —Zu herritar zintzoa zara? —Bai! —Ba... hara, sinistu egiten dut! Hasieratik, gainera! Bai, herritar zintzoa zara! Zergatik ez? Orain argi ikusten dut nire alde zaudela. Estutu nahi zintudan, estutu besterik ez, egia kontatu didazula ziur egoteko. Zuk ez zenekien ezer, perretxikotara zindoazen, eta hori ez dago gaizki, ezta? —Ez, noski! Jende normalak egiten du. —Baina hara non gaizkin endekatu horrekin topatu zinen. Suerte txarra. Lasai, ez duzu ezer egin eta ez zaizu ezer gertatutako. Orain, azken gauza eskatu nahi dizut, oraindik lagundu nahi badidazu, noski... —Noski. Zer egin behar dut? —Berriro kontatzea nahi dut, hasieratik, gogoratzen duzun guztia, eta gero etxera joango zara. Ados? Baina oraingoan ahaztu buruz ikasi duzun gidoi hori, ondo? —Berriro? Ez dakit zertarako. Dena kontatu dudala uste dut, baina hala nahi baduzu... Goizean, semea ikastolan utzi nuen... —Ez, ez, itxoin. Gauza bat egingo dugu. Begiak itxita kontatzen baduzu, agian hobeto gogoratuko duzu. —Begiak itxita? Ez dut uler... Zer da hori? —Hau? Begiak estaltzeko xingola, erosoago egon zaitezen. —Baina hori jantzi behar dut? —Prozedura arrunta da. —Niri ez zait arrunta iruditzen. —Nahiago baduzu, argiak itzali ditzaket... —Ez... Baina jantzi behar dut? —Jantzi xingola, mesedez, ez da ezer, prozedura arrunta da. Begiak estaltzeko, gertatutakoa hobeto gogoratzeko da, azken aldia, eta gero etxera... Hori da! Oso ondo! Itxoin, neuk lotuko dizut atzean. Listo! Pozten naiz. Orain hasi kontatzen, nitaz ahaztu, hemen egongo ez banintz bezala. Semea ikastolan utzi zenuen eta... —Semea ikastolan utzi nuen... —Urduri zaude? Hitz egitean eskuak etengabe mugitzen dituzu. —Ez nago urduri. —Ez, noski, baina horrela buruak ez du ondo gogoratzen, buruak basora itzuli nahi duelako, baina eskuek gela honetan jarraitzen dute. Orduan, onena eskuak izterren azpian jartzea da. Ez, horrela ez. Neuk lagunduko dizut. Horixe da. Eroso al zaude? Gogoratu eskuak ezin dituzula handik atera. Oinak ere elkartu, eta belaunak angelu zuzenean, bizkarra tente. Horrelaxe, ondo. Ez aldatu batere jarrera. Semea ikastolan utzi zenuen, eta? —Semea ikastolan utzi nuen... Nor sartu da? —Ez kezkatu, segi kontatzen. Agente batzuk sartu dira zure azken deklarazioa entzutera. Semea ikastolan utzi zenuen... —Bai, semea ikastolan utzi nuen... Danbateko batek isilarazi du, telefono gida batek lurzorua jotzean egingo lukeen danbatekoa.
booktegi.eus TXERRA RODRIGUEZ sutondoko kontuak Eiderreri Kopiatzea libre. Libre zara lan hau kopiatu, banatu, eraldatu eta berarekin nahi duzuna egiteko. Hori bai, aipatu behar duzu egilea nor den eta, eratorritako edozein lan eginez gero, lizentzia bera erabili, mesedez. Unha lingua só respira e vive cando te fan rir con ela. Santiago Freire Hizkuntza da nire bizitzaren historia. Arizonako Tewas indiarren esaera. Sukaldea esaten dugu. Sutondoa esaten diogu. Familiaren beroa, etxeko giroa, erreferentzien sarea. Etxe barrua, erroen altzoa. Irudi hori gizendu dugu: sukaldeko supazterrean, amonatxo bat kontu kontari. Baina demagun auto bat, normal-normala, kasete batzuk sartzeko txulotxo bat daukana irratiaren azpian. Demagun, halaber, bidaiatxo familiar bat Senperera edo Jakara. Aitak edo amak DVD bat sartu du txulotxoan eta Mikel Urdangarin hasi da kantuan: «Txatxamatxalinatxu jaio zan urtian». Umeak ere «Txatxamatxalinatxu» eginez hasi dira autoaren atzean erritmoa markatzen. Gurasoak ez daude lotan, eta umeen festera batu dira. Pieza bukatu denean, aitak edo amak beste DVD bat sartu du txulotxoan eta Xabier Lete hasi da orain, umeak hasi dira Leterekin batera: «Otsoak, uuuu…!». Gurasoek uuu! egiten segitu dute, lehia betean nor otsoago. Transmisioa deitzen zaio. Edo, deitura tradizionalaren hedadura zabalduz, zergatik ez sukaldea? Anjel Lertxundi (Berria egunkarian) SUTONDOAN Sutondoan kontu-kontari ibiltzen gara, elkarrizketatik elkarrizketara. Bakoitzak bere zoroak bizi ditu, bakoitzak bere soloak. Berba eta berba aritu gura dugu, saltoka gai batetik bestera, jauzika eta itzulipurdika. Mundua deskonpondu, ekintzak hitz bihurtu eta hitzak olerki. Sortu eta birsortu gura dugu legamia, musuak eman hizkuntzari eta hizkuntzatik. Zirriak egin ezinezko artefaktu honi. Eta hizkuntza hizkuntza esan gura duen herri batean bizi. Txatalez osatutako liburutxoa da hauxe. Sutondoan bezala, berbak lotzen ditugu, elkarrizketak katramilatu eta anabasa hurrenkera bihurtu. Denetarik topatuko duzu hurrengo orriotan irakurle, baina dena hari ikusezin batek estekatua. Soziolinguistikaren eta haren dibulgazioaren hari mehea. Beti ere, soziolinguistika errealitatea eraldatu nahi duen zientzia gisa ulertuta. Izan ere, gogoeta teorikoak ondo dauden arren, liburuan horrelakorik ez duzu aurkituko. Haien gainean egindako hausnarketak bai, haren gainean egindako iruzkinak bai. Soziolinguistikako zerutxoa, izartxoz betetako zerutxoa irudikatu nahi izan dut hurrengo lerrootan. Gaur egun, euskaldunon biziberritze mugimenduaren gako bat da hiztunok boteretu egin behar garela. Liburu bat irakurriz ez dut uste inor boteretuko denik, baina bide horretan sakontzeko gonbitetxoa izan daiteke, gehiago gaitzeko tresna izan daiteke. BATU SUTONDORA Batu supazterrera. Jon Sarasuak asmatu zuen amaren sua metafora, gure komunitatearen iraupena eta etorkizuna irudikatzeko. Orain bere Hiztunpolisa liburuan sukalde proiektuaz egiten du berba. Honela definitzen du berak: “Sukaldea elikadura-katea ziurtatzen duen artefaktu eta funtzio-multzoa da. Modu prekarioan azken bost hamarralditan egin dugun horixe, neurri batean. Hizkuntzaren corpus aparatua, eta hezkuntza aparatua, eta hedabide aparatua, eta kulturgintza aparatua, eta euskalduntze-alfabetatze aparatua, eta familia-transmisioa, eta enpresen euskalduntzea, eta administrazio jarduera, eta beste hainbat". Mikel Zalbidek, berriz, Joshua Fishman egilea erreferentetzat hartuta, community fostering berba erabiltzen du. Oso antzekoa den horri buruz berba egiteko. Nik sukaldea eta komunitatea erabiliko ditut (komunitatea gehiago, ez dakit zergatik). Baina niri sutondoa egiten zait erakargarriago, intimoago, barrukoago. Izan ere, hiztun komunitate honen sutondora arrimatu nintzen aspalditxo. Eta sutondo horretara, berogailu pre-moderno horretara batzeko gonbitetxoa dago hurrengo orriotan. AEROPONIKOAK Hizkuntza ez da Balentziagaren museoko perlaz eginiko soineko bat, baizik eta egunero erabiltzen dugun kamiseta erosoa. Asisko Urmenetaren berbak dira hauek. Egunero erabilerarekin zikintzen dugun kamiseta erosoa, gehituko nuke nik. Egunero berria den kamiseta erosoa. Sechu Sendek, ordea, berba aeroponikoei buruz ohartarazten gaitu. Berba horiek dira lurrari atxikita ez daudenak, uzta aeroponikoak legez. Lurrari lotuta ez daudenak. Komunitateari lotuta ez daudenak, gehituko nuke nik. Hizkuntza da komunitate batek errealitatea ulertu eta eraldatzeko duen tresnarik garrantzitsuena. Munduari egiten dion ekarpenik garrantzitsuena. Izan ere, zer da ba hizkuntza menderik mende gugana heldu den metafora saldoa ez bada? Komunitatearen eta norberaren (eta akaso hori da berezien egiten duena) beharrizanetara egokitzen, moldatzen, eratzen, bihurritzen den tresna perfektua da hizkuntza. Beraz, lurrari lotuta dagoen komunitatearen adierazpen gorena dugu hizkuntzaren kamiseta erosoa. Hala ere, gu barik, hizkuntza ez da ezer. Pertsona barik hizkuntzek ez dute baliorik, ez dituzte euren metaforak berritzen, ez dute bizitasunik. Izan ere, gu geu gara hizkuntzak biziarazten ditugunok, edo hilarazten ditugunok. Nolanahi ere, zenbat zentimetro gara estalagmita baten bizitzan? Zenbat segundo gara hizkuntza komunitate baten bizitzan? Hala ere, estalagmita egiteko ur tanta guztiak dira beharrezko, ezinbesteko, guzti-guztiak. Hizkuntza komunitate batean hiztunak berdin. BERREGINTZA Lorea Agirrek Haurren hiria liburuko hitzaurrean antzeko berbak darabiltza. Haietako batzuk ekarri nahi izan ditut hona, aurrekoa apur bat osatuz eta ñabartuz. “Euskara ez da bakarrik hizkuntza. Ez da soilik gramatika kontua. Ez da komunikatzea edo ez komunikatzea. Euskara komunitatea da. Norberaren ahotik ez da soilik norbera mintzo, komunitate bat mintzo da; umea euskarazko lerroan matrikulatzean ez da ume horrentzako etorkizuneko ildo bat hautatzen, komunitate oso batena baizik. Komunitate bat bere historia eta istorioekin osatzen da, geografia fisiko eta sentimentalarekin, bizitzeko, antolatzeko eta bere burua maitatzeko moduekin, borroka eta lorpenekin, galera eta oinazeekin, bere bizipoz eta bizi gogoarekin, bere utopiarekin (...) Izan garenari erreparatzen badiogu, argi dago geurea galtzaileen historia bat izan dela. Garenari begiratzen badiogu, aldiz, indar hartzen duen ideia geurea berreskurapen eta berrosatze baten historia arrakastatsua dela da. Ez du parerik Europa osoan. Euskara berreskuratzea komunitate bat berreskuratzea da, inoiz hautsi zen, inoiz hautsia izan zen komunitate baten berregintza da. (...) Hizkuntza komunitatea da, beraz. Hori da gure ustea. Eta komunitatea baino ez garela ere bai. Non bihurtzen da bat nor, ez bada taldean? Taldearen baitan, eroso sentitu edo ez, alde edo kontra egon, eraldatzen saiatu edo bide berari eusten, taldean egiten gara eta taldeak egiten gaitu.” BAINA ZER EUSKARA GURA DUGU? Nik ez dakit zer euskara gura dudan. Baina Irati Jimenezek Berrian euskara zikina nahi zuela esan eta konbentzitu egin ninduen. Irakur ezazu, arren, berak esandakoa. “Ez dut nahi euskara garbia. Euskara zikina nahi dut, pornografia. Egunkari faxistak nahi ditut euskaraz eta errieta gordina, supermerkatuaren ilaran haserretzen diren andreen artean. Euskaraz artikulu iraingarria irakurri, euskaraz liburu txarra, euskaraz kultura merkea, euskaraz telesail txotxoloa, euskaraz Miss EzDakitZer lehiaketa negargarria. Euskaraz abesti jasangaitza. Euskaraz zine aktore guapoei buruzko idatziak hamabost urteko neskatoen koadernoetan. Euskaraz esatea batek «españolista zikina!» eta euskaraz besteak «terrorista makurra!». Politika zalaparta baino ez bada, euskaraz nahi dut politikoen marmarra eta burrunba. Euskaraz nahi dut zapatu gauean Barakaldoko diskotekaren atean negarrez dagoen hamasei urteko neskatilaren mozkorraldi dramatikoa. Minigona darama, plastikozko belarritako zuria, belaunera arteko botak eta begian jarri duen beltzaren marra deseginda dauka. Euskaraz jakinarazi dio bihotza eztandarazten dion mutilak beroaldirako baino ez duela nahi. Euskaraz drama. Zapatu batean. Euskaraz trenean irakurtzeko eleberri erromantiko merkea. Azalean giharra baino ez duen gizona agertzen da, alkandora zabalik. Euskaraz topikoak. Euskaraz txotxolokeriak. Euskaraz unibertsoa eta unibertsoaren akatsak eta unibertsoaren argi-ilunak. Ez izar bat, beste izarra eta hango planeta ederra, ez. Unibertsoa. Euskara garbia baino, euskara gardena, bizia. Gezur esaten dakiena, Interneten pornografia bilatzen duena.” KALITATEA Bizirik dagoen edozein hizkuntza etengabe ari da aldatzen. Hiztunok erabiltzen dugu eta gure sormenarekin etengabe aldatzen dugu. Beraz, hizkuntzaren erabilerak beti eragiten dio kalitateari; erabiltzen bada, kalitatea behera doa. Bai? Nik ez daukat horren garbi. Kalitatearen parametroak zeintzuk dira? Nork esaten du nik hitz egiten dudana hark hitz egiten duena baino hobea dela? Zeren arabera? Zuzentasun gramatikalaren arabera? Gaur zuzena ez dena, bihar zuzena izan daiteke eta alderantziz. Hizkuntzak aldatu egiten dira, mutatu, eraldatu, zangotrabatu, katramilatu, bihurritu. Jatortasuna izan behar da parametroa? Eta zer da jatorra eta zer ez? “Nire herrian horrela esan izan da beti” dugu euskaldunon esaldi paradigmatikoenetako bat. Gaur jatorra dena orain dela urte batzuk erdarakada izan zitekeen eta alderantziz. “Auskalo”, “bezero” edo “borrero” zer dira ba? Egokitasuna izan da proposatu den azken parametroa. Bere helburua lortzeko egokia bada, kalitatezkoa da, bestela ez. Hizkuntzaren izaera dinamikoarekin hobeto ezkontzen da parametro hau. Baina tira. Izan ere, nik ohartxo hau baino ez nuen egin nahi: hizkuntza erabiltzen badugu, aldatuko da, lardaskatuko da, kalitatean behera egingo du. Eta onartu behar dugu, eta ospatu behar dugu. Eta sormenarekin gauza berriak probatu. HIZKUNTZA DA ERABILERAREKIN ZORROZTEN DEN TRESNA BAKARRA 2012ko uda inuiten artean pasa genuen, Groenlandian. Azken egunean, Francesc Bailón antropologo katalana elkarrizketatu genuen Eider Palmou eta biok. Eta elkarrizketan Francescek inuiten esaera hau aipatu zuen: “hizkuntza da erabilerarekin zorrozten den tresna bakarra”. Hizkuntza eta xaboia ere alderatu ahal zituzten inuitek. Izan ere, hizkuntza xaboiaren alderantzizkoa da: zenbat eta gehiago erabili xaboia, orduan eta urrituago eta xahutuago; hitzak, ordea, alderantziz, zenbat eta erabiliago orduan eta aberatsago. Erabiltzen ez dena ugertu egiten da, antza. Erabili ezean, kamustu egiten da. Zorroztutako hizkuntza egunero elikatu behar da, egunero elekatu. Zorroztutako hizkuntzak haragirik gogorrena ere moztu dezakeela diote inuitek, izoztutako baleak hitz hutsez zatitzen zituztela garai batean, ez zela beste ezer behar, hitz egokiez baliatzea nahikoa zutela horretarako. KAMUSTU Baina gure errealitatea bestelakoa da sarritan. Aizkora zorroztuta barik, kamustuta daukagu. Ez du eragiten, ez du bestearengan eraginik sortzen. Eta, hortaz, ez du balio, ez du mozten, ez du ebakitzen. Joxerra Garziak aizkora kamutsaren gainean egin du berba behin baino gehiagotan. Publizitateaz ari zen bera. “Publizitateak jarrerak eta joerak aldatzeko balio du, bestela ez da publizitatea. Egun, euskarazko publizitatean, erdaraz landutakoa hartu eta itzultzen dugu, kalko hutsa egiten dugu, morrontza handiegiko bertsio bat. Beharbada, euskararen lege gramatikalak betetzen ditu, baina ez du balio inorengan eragina izateko”. Mihia eta luma zorrotz izan behar dugu komunitatekook. Irudimena borborka, sormena txorrotx, iturria mara-mara. Beste erremediorik ez dugu. Kopiak inork ez ditu gustuko, ezta geuk ere. (S)(L)ORTU XXI. mendeko hizkuntza doitua daukagu, hizkuntza zaharberritua, edo zahar-berritua. Eta horri etekina atera behar diogu nahi eta nahi ez. Jolastu, katramilatu, bihurritu, kiribildu, zurlurtu, traskildu. Asmatu eta amatu. Plastiko bihurtu eta plastilina egin, titiriteroen modura eta jaun-andre serio eta aspergarrien tankerara. Euskalkitu eta batuatu, hangoak hemengotu eta hemengoak hangotu. Sortzeko aukera paregabeak ditugu. Berba berriak sortzeko iturri agorrezina dugu euskaldunok, aditz berriak sortzeko magia. Berba-jokoak, errimak, … barra-barra pizten dira gurean. Makuluekin ala makulu barik. Baina … Horiek guztiak hedatuko dituenik falta zaigu. Hedabideak baditugu (ordeka berba nik Xabier Usabiagari ikasi nion, adibidez): batzuk ahaltsuak (irratikoak batez ere), beste batzuk tamainakoak (internet eta prentsa idatzian) eta beste batzuk ez oso ondo erabiliak (telebista batez ere). Eta, horrez gain, gauza gutxi. Berritasunak jendarteratzeko bide berriak urratu behar ditugu. Musika izan daiteke bat (txatxi bederatzi edo pikutara pakea mila aldiz erabili dugu guk lagunartean), eta beste batzuk izango dira hor nonbait (zinema, literatura, publizitatea, …). Eta guzti-guztiak beharrezkoak eta erabilgarriak. Gainera, inoiz baino errazagoa da hauek hedatzea, ezta? ARMAIRUTIK ATERA Lehentxeago ere esan dut, baina berriro esango dut: euskara gu barik ez da ezer. Horregatik, haserretzen nau gurean, sarritan, euskararen normalizazioa euskaldunon normalizazioaren aurretik jartzen dugunean. Nire ustez, hiztuna jarri behar dugu erdigunean, begirada berri batez jantzi hiztuna. Imanol Minerren berbetan, “hiztuna osatu, askatu, autodeterminatu, ahaldundu, jabetu eta boteretu behar dugu”. Horretarako, berak feminismoari eta gay eta lesbianen askapen mugimenduei begiratzea gomendatzen digu. Beste berbetan esateko, armairutik irtetera deitzen gaitu. Beste batzuek antzeko kontzeptua darabilte, baina beste metafora batekin: espaloitik ez jaitsi. Ferran Suay-k osaba Enric-en istorioa kontatzen du. Behin Bahama uharteetara joan zen. Hango gizon zein emakumeak eder askoak ziren, begi handi-handiak zituzten eta batzuek baita berdeak izan ere. Kaletik zindoazen tirriki-tarraka eta, haietako bat aurrean ikusi baino lehen, espaloitik jaisten zen pasatzen uzteko. Hasieran, osaba adeitasun keinua zelakoan zegoen. Baina berehalaxe konturatu zen beti beltzek uzten zutela pasatzen eta, gainera, zuriei bakarrik eta ez euren artean. Orduan konturatu zen ez zela adeitasun kontua, ez edukazio oneko kontua, sumisio kontua baizik. Gurean ere zenbat aldiz jaisten da euskalduna espaloitik? Ezezagunekin topo egin eta erdaren errepidera jaisten gara etengabe. Ez ala? MATUSALEN SINDROMEA Sechu Sende lagun galiziarrak kontatu zidan Matusalen sindromea oso hedatua dagoela Galizian. Sindrome horren arabera, 120. urtea betetzetik zenbat eta hurbilago, orduan eta aukera gehiago duzu jendeak zuri galizieraz egiteko. 120 urte betetzetik zenbat eta urrunago, ostera, orduan eta aukera gehiago gaztelania galiziar doinuarekin entzuteko. Sindromea bera ere zuzenean ikusteko parada izan nuen behin. Compostelako jatetxe batean geunden olagarrotan itota. Sechuk tabernariari beti-beti galizieraz egiten zion eta besteak gaztelaniaz erantzun. Beti. Erdalduna zelakoan nengoen. Baina, kia, ondoko mahaian gu baino dezente zaharrago ziren batzuk ari ziren olagarroa jan eta jan. Eta haiekin bai, Sechuri galizieraz egiten ez zion morroi hori galizieraz ari zen hitz eta pitz. Jakina, gu baino dezente zaharragoak ziren haiek. Matusalen sindromearen kontra Galizia aldean hiriguneetan gero eta gehiago dira espaloitik jaisten ez direnak. Izan ere, Sechuk berak esaten duen moduan: hizkuntza aldatzen baduzu, bizitza aldatzen duzu. Biba eguneroko mikroiraultzatxoak! AITITEAREN INTSUMISIOAK Aititeak ogia garraiatzen lan egiten zuen, kamioiarekin gora eta behera Bilboko kaleetan barrena. 1976an greba gogorra piztu zen Bilbon. Ogia banatzen zutenek astegun bateko atsedena aldarrikatzen zuten: hau da, igandeetan ogirik ez banatzea. Greba gogorra izan zen, baina langileek irabazi zuten eta, ordutik, aititeak igandeetan familiarekin egoteko aukera irabazi zuen. Urte batzuk geroago, ordea, okindegiak igandeetan irekitzen hasi ziren berriro. Eta ogia banatzen zitzaien. Gainera, igandeetan ogi kontsumoa beste egunetan baino handiagoa da. Baina ez aititeari esker. Bizirik egon zen bitartean, ez zuen inoiz domeka batean ogirik erosi. Zapatuetan gehiago erosi eta domekan aurreko eguneko ogia jan. Aititearen intsumisio ekintza xumea, garai bateko elkartasun eta greben omenez. Euskaraz aritu gura dugunok ere intsumisio ekintza txikiak egin behar ditugu egunero-egunero. Okindegian, arrandegian, administrazioan, botikan, … TELP ikastaroen funtsa horixe baita, eguneroko intsumisioan aritzeko trebatzea, eguneroko desobedientzia-eskolak dira haiek. KANPOKO POLIZIA Antza denez, denok daramagu barruan polizia bat, txakur bat. Antza denez, pozik bizitzeko polizia hori hil egin behar dugu, garbitu, akabatu. Euskaldun aktibook ere polizia bat daramagu barrutik edo, hobe esanda, kanpotik. Tabernara sartu, okindegira, eskolara, … eta hizkuntza ohituren aldaketak eragiten ditugu. Gaztelaniaz lasai arraio ari zirenak gu ikusi orduko euskaraz hasten dira barra-barra. Batzuk ez dira ondo konpontzen bere “kanpoko” poliziarekin. Inkisidore trazak ikusten ei dizkiete euren buruei. Beste batzuok, ordea, euskararen erabileraren motor gisa ikusten dugu geure burua. Eta ez dugu inola ere gure kanpoko/barruko polizia hori garbitu gura. EUSKARAK PORRO USAINA DU Euskarak marihuana usaina du, euskarak haxix usaina du, antza. Edo hori kontatzen du, behintzat, Fredi Paia algortarrak. Zehatzago esanda, euskarak Algortan porro usaina duela. Zer dela eta? galdetuko du irakurleren batek. Eta erantzuna eman behar zaio. Behin berbetan hasita … Algorta aldean oso koadrila gutxi omen dira euskaraz aritzen direnak. Eta, haien artean, zaratatsuena eta usaintsuena antza tabernaz taberna ibiltzen zen porroak eskutik eskura eta ahotik ahora partekatzen. Gauzak horrela, andre baten ateraldiak bide luzea egin du: Algortan euskarak porro usaina du. EKOLOGIKOAGOA Bizi naizen kalean azken urteotan lau denda berri ireki dituzte: garagardo denda bat, diseinatzaile berriek irekitako moda denda, zapata ekologikoak egiten dituen beste bat eta okindegi bat. Lau denda horiek gazteek ireki dituzte, baina batzuek eta besteek darabilten hizkuntza kudeaketa ez da inondik inora berdina. Garagardo dendak izena gaztelaniaz du, baita barruko kartel gehienak ere. Dendariak, ostera, euskaraz daki eta aritzen da. Diseinatzaile berrien dendan gaztelania dugu jaun eta jabe (edo andre eta jabe): karteletan, dendaren izenean, antolatzen dituzten jardueretan, … Zapata ekologikoen dendak izena gaztelaniaz du (eta azpi-izena ingelesez, very cool). Karteletan ere gaztelania da nagusi, nahiz eta karteletan-eta euskarak ere izan presentziatxoa. Dendariak euskaraz tutik ez daki. Okindegia, berriz, ekologikoa da, bertan egiten dute ogia, labea du-eta. Izena euskara hutsezkoa du, dendariak euskaldunak dira (lehen berba euskaraz egiten duten horietakoak), kartelak bi hizkuntzatan daude (hori bai, euskarazkoak alde batetik eta gaztelaniazkoak bestetik). Dendan ematen dituzten euskarriak, poltsak eta abar ere euskaraz daude txukun eta nabarmen. Ogia ekologikoagoa da zapata horiek baino, nire ustez. Baita Alemania, Txina edo Euskal Herriko garagardoak baino, edo diseinatzaile berri erdaldunena baino. Ezta? SUBSIDIARIOA Ekologian askotan aipatu egiten da subsidiarietate (ahoskatzeko zaila!) printzipioa: arazoaren objektutik hurren dagoen agintariak (arau bidezkoak, politikoak edo ekonomikoak) erabaki behar duela gai oro. Hizkuntza alorrari ekarrita honako hau aipa dezaket: bertako hizkuntza batean egin daitekeen oro ez dadila bestelako hizkuntzan egin, ez dezala hizkuntza “globalago” batek egin. KAIXO MAITIA Askotan aipatzen da euskararen biziberritzerako familia bidezko transmisioak duen garrantzia. Gainera, azken aldian egin diren ikerketek bikotearen hizkuntza nabarmendu dute. Izan ere, bikotearen hizkuntzak familia hizkuntza zein izango den adierazten du. Eta jakin badakigu ere oso zaila dela bikotearen hizkuntza ohiturak aldatzea. Hori dela eta, bikotea zer hizkuntzatan ezagutu den itzelezko garrantzia du. Kalean dauden aukerak hortxe daude. Baina interneten ere badaude ligatzeko aukerak. Gehienak erdaretan, baina euskaraz ere badago aleren bat: kaixomaitia.com. Euskaldunak elkarren artean harremanetan jartzeko zerbitzua ematen dute interneten. Transmisio kanpaina askok baino emaitza hobeak ekar ditzake honelakoak bultzatu eta prestigioa ematea, ezta? HASARRATZEN GARENIEN ... Gaztelania ohetik bota duten bikoteak ikertu zituen orain urte batzuk Soziolinguistika Klusterrak. Gaztelaniaz ezagutu eta euskarara pasatu diren bikoteak, alegia. Ondorio oso interesgarriak eman zituen, baina ez naiz horien gainean arituko. Beste bitxikeria baten gainean baizik. Ikerketa horren arabera, euskara hutsez aritzen diren bikote horietan, haserrealdiak datozenean, ekaitza datorrenean, gaztelaniara makurtzen dira, gaztelaniaz egiten dute. Aztertu zituzten bikote guztietan. Eta zergatik? Ikerketaren arduradunek hiru arrazoi posible zerrendatu zituzten: - Berehalakotasuna: haserrealdi batean denbora mugatua da, ez dago nahi beste denbora pentsatzeko. - Ez gaude lasai: beraz, seguraski zailagoa da hizkuntzaren txipa izatea. - Segurtasun beharra: gutxiago kontrolatzen den hizkuntzan aritzeak norbera gutxiago den hautematea dakar? Hala dirudi, behinik behin. EUSKARAREN EGUNAK Hasiera batean egun bat izan zen (abenduaren 3a), gaur egun gero eta gehiago dira euskararen egunak (astebetekoak dira “ospakizunak” Txorierrin behintzat). Orain bota beharko nuke topikoen parrastada bat: egun guztiak dira niretzat euskararen eguna, pozik izango naiz ospatzen ez den urtean, elbarritu fisiko eta mentalen eguna ere bada abenduaren 3a, eta abar. Baina ez ditut horiek esango. Isilduko naiz. Gainera, handik gutxira euskal kulturaren festa eta peregrinazioa ere hasiko da Durangon. Gure Meka txikia. Eta topikoen zaparrada ostera ere guardasol barik: egutegiak eta sukalde liburuak salduenak, gero eta erdarazko liburu gehiago dago, manifestazioak, kuestazioak, lagun zaharrak eta berriak, erromeria, … Baina horiek ere ez ditut esango. Eta txarrena da batean zein bestean parte hartu egingo dudala. Eta ez dakit zergatik. HIZKUNTZA ETA ZU Gaztetxoen aldizkarietan, hainbatetan agertzen dira test txotxoloak. Honako honek ere badauka nahikoa txotxolotik. Baina, hala ere, niri behintzat irribarrea piztu dit. 1. Lehen aldia zelakoa izan zen? a. Ez naiz gogoratzen. b. Arraro samar sentitu nintzen. c. Oraindik ez naiz ausartu. 2. Euskara animalia izango balitz... a. Betizua. b. Boa. c. Ornitorrinkoa. 3. Zuretzat diglosia da ... a. Buru gaixotasun bat. b. Heste meharrean dagoen zerbait. c. Ez dakit zer ote den. 4. Larrutan ari zara Torontotik heldu berri den zure bikotekidearekin. Hasperenka ari dela, esaten dizu euskaraz zerbait lizuna esan diezaiozun … a. Jakina, naturaltasun osoz. b. Eskatzen didan moduaren arabera. c. Ez zait ateratzen. 5. Ba al dakizu zein den Itxaro Borda? a. Idazlea. b. Aktorea. c. Ez dakit. 6. Bete ezazu: maita nazazu gutxiago... a. Eta goza nazazu gehiago. b. Eta goazen ohera oraintxe bertan. c. Eta gorrota nazazu gehiago. 7. Bete ezazu: gau eta egun… a. Euskaraz bizi nahi dut. b. Gaupasan lagun. c. Paso del euskera. 8. Euskaraz hitz egiteak duen onena da... a. Nahi beste ligatzen duzula. b. Eusko Jaurlaritzan lan egin ahal izatea. c. Ba al du ezer onik? EMAITZAK: Gehienak c badira: txarto konpontzen zarete zu eta euskara. Euskara zuretzat astuna da edo, besterik gabe, euskaraz paso egiten duzu. Gehienak b badira: euskararekin harreman ona duzu. Baina ez zaude guztiz ase. Oraindik ez zara ausartu pausoa ematera. Fidatu zaitez apur bat gehiago euskararekin: lasai, ikusiko duzunez ez zaitu abandonatu behar. Gehienak a badira: loteria egokitu zaizu. Euskaraz natural-natural bizi zaren horietakoa zara. Baina ez ahaztu, errebeldia apur bat ondo dator beti. GERO ETA GEHIAGO ERABILI, GERO ETA GUTXIAGO ESATEKO Txepetxek esan zituen hitz hauek Galizia aldean. Ordutik, behin eta berriro etorri zaizkit burura. Esangura argitu nahian askotan eta beste askotan egiten duguntxoa prisma horretatik epaitu eta baloratzeko. Esaldia oso indartsua da. Eta esanguratsua. Askotan nik ere badut sentsazio hori. Gero eta gehiago erabiltzen da euskara, baina gero eta gutxiago esateko. Hor daude politikarien jardun piper eta gatz gabea, inork irakurtzen ez dituen itzulpenak, errotulaziotik harago ez doazen planak, mila esparru eta arloetan ditugun hutsuneak, eta abar. Beste batzuetan, ordea, sorpresa atseginak hartzen ditut, han-hemen. Eta zalantzan jartzen dut esaldia, egiatik asko duela jakin arren. Eta esfortzua merezi duela begitantzen zait. Eta irribarrea dela gure armarik onena begitantzen zait. Ilusioa, maitasuna, irribarrea … eta gauzak aldatzeko grina. Eta egiten duguna zuzena dela pentsatzea. Izan ere, gure erabilera horrek komunitatea sortu eta birsortzeko gaitasuna izan behar du, eragina izan dezan. Eta, batzuetan, hala da. Liburu honetan horren adibide bat baino gehiago aurki dezakezu. Eta kalean gehiago, diot nik. TABERNETAKO FILOSOFIA Bilboko Zazpi Kaleak. Zapatua. Arrastia. Koadrilakoekin garagardoka. Lagunen arteko solasaldia. Gaztelaniaz. Koadrilako neska batek mutil laguna topatu du. Haren gainean ari ginen berbetan. Koadrilako batek aipatu zuen morroiak eskatu ziola berari euskaraz egiteko. Koadrilako lagunak ez zion ezer esan. Baina guri bai. Oso artifiziala egin zitzaion koadrilakoari. Izan ere, berak dio euskaraz egiten diola euskaraz zuzentzen zaionari, baina horri gaztelaniaz egingo ziola momentu horretatik aurrera. Artifiziala zergatik? Neska lagunarekin gaztelaniaz egiten du tipoak. Koadrilakoak esaten zuen berak jende askorekin egiten duela euskaraz (eta egia da, nirekin adibidez), baina berari euskaraz egiten badiote sistematikoki, bestela ez diela zilegitasunik aitortzen horrelako moralkeriekin dabiltzanei. Zer pentsatua eman dit lagunen ateraldiak. Ez nago berarekin ados, jakina. Baina barruak esaten dit zentzu apur bat izan dezakeela. Koherente eta natural jokatzeak ate gehiago irekitzen dizkio euskaldunari, ezta? Sinesgarri aritzeak ate gehiago irekitzen dizkigu? JABETU GAITEZEN Ikuspuntu soziologiko batetik, hizkuntza baten jabekuntza ikaskuntza baino garrantzitsuagoa da. Eta hizkuntza ahul baten kasuan are gehiago. Ikaskuntza beharrezkoa da, baina benetan erabakigarria jabekuntza. Eta horretan ari nintzela pentsatzen, zer jabekuntza bitarteko ditugun euskaldunok etorri zait burura. Eta bi motatakoak ditugula bururatu zait: naturalak eta artifizialak. Naturalak dira familia, lagunartea, kontsumo joerak, auzo-herri-hurbileko zerbitzugintza, … Baina, zoritxarrez, horiek ez daude Euskal Herriko herri eta auzo guztietan bermatuta, ezta familia guztietan ere. Eraginkorrenak dira eta merkeenak, baina ez daudenean, ez daude. Eta, horretarako, euskaldunok auzolanean sortu ditugu jabekuntza bitarteko artifizialak. Adibidez, mintza-berba-solas lagunak. Edo haur eta gazteei begira, aisialdian sortutako milaka ekimentxo. Edo euskaltegiek sortutako barnetegiak. Baina nahikoak al dira? Eraginkorrak al dira? LEHENTASUN KONTUA Oporrak. Troia (Portugal) hondartza zoragarrian etzanda. Eider Palmou eta biok. Mundua konpondu guran. Elkarrizketa mamitsua. Nire ibilbide akademikoa aztertzen ari ginen Fishmanen eredu soziolinguistikoaren arabera. Nik zuzenbidea ikasi dut Deustuko Unibertsitatean. Klaseak euskaraz jaso nituen zati baten (izan ere, karrera osoko ikasgai guztiak euskaraz jasotzeko modurik ez zegoen). Deustun hainbat irakaslek kristoren lana egi(te)n dute zuzenbidearen ikas-mundua euskalduntzeko: ikasgaiak euskaraz eman (ganoraz ia beti), ikasmaterialak itzuli edo sortu, lege nagusi batzuk euskaldundu (Zigor Kodea, Kode Zibila, …), … Unibertsitatean geundenean, ikasgai guztiak euskaraz eskatzen genituen, erdarazko taldeekiko independentzia adar berezitu gisa, … Hainbat eta hainbat gauza, sutsuki eskatu ere. Baina karrera amaitu nuenetik urte batzuk pasa dira. Eta pentsatzen jarri nintzen. Buruaren errotari eragiten. Horrenbesteko esfortzuak fruiturik eman al du? Fruituak eman ditu, bai, zalantzarik ez dago horretan. Baina neurrikoak izan al dira emaitzak, hau da, bat datoz esfortzuak eta emaitzak? Edo beste era batera esanda, egindako esfortzuak euskararen biziberritzean eragin biderkatzailerik izan al du? Latza da aitortzea, baina egindako esfortzuak ez du ekarri pareko emaitzarik. Zuzenbidea ikasten amaitu eta lanera salto egiterakoan konturatzen zara euskaraz ikasteak ez dizula balio izan. Are gehiago, zenbait kasutan kaltetxoa ere ekarri duzula konturatzen zara (kaltea, batez ere, terminologia teknikoan-eta). Euskaraz lan egingo duten zirkuitutxoak eraikitzea oso zaila da mundu horretan. Euskaraz aritzeko arlo nagusia bezeroei aholkularitza ematea da. Baina, horretarako, ez da beharrezkoa zuzenbidea euskaraz ikastea, euskaldun izatearekin nahikoa eta sobera. Abokatu, fiskal eta epaile euskaldunak behar ditugu, baita notario eta aholkulari juridikoak ere. Baina, gaur egun, zuzenbidearen lanbideak egituratuta dauden moduan, ia-ia ezinezkoa da euskaraz lan egiteko zirrikiturik aurkitzea, zirrikiturik eraikitzea. Eta, beraz, zuzenbidea euskaraz ematea tema eta erronka polita da, baina unibertsitate mailan (eta, zer esanik ez, lanbide heziketan) karrera hori baino estrategikoagoak badaude, eta horietatik hasi beharko. Izan ere, lan arloan zirrikiturik egon ezean, irakaskuntzan edo unibertsitatean egindako esfortzuek ez dute fruiturik ematen (ez behintzat esfortzuen parekorik). Indarrak sakabanatu egiten ditugu horrela gainera eta lehentasunak ahaztu. Etxearen hormen koloreaz dihardugu bonbardaketa baten erdian beste behin ere, tamalez. AHOA BETE SEXU Sechu Sendek galizieraz eman zuen bere soziolinguistikaren gida sexuala. Nik euskarara ekarri nuen Ahoa bete sexu izenarekin. Gozatzera! Gure gorputz barruan beste pertsona bat sartzen den lehen aldia, normalean mingainaren bidez izaten da, ahoaren bidez. Bale, aurretik pertsona hori besarkatu ahal duzu, edo belarrian kosk egin. Baina besteen gorputza benetan esploratzen duen lehena mingaina da, aho barruko sekretuak agerrarazten dituena. Gure ahoa ezagutzarako biderik nagusienetako bat da, dudarik gabe. Horregatik, gaitza da ahaztea pertsona baten barruan sartzen zaren lehen aldia, pertsona bat zure barruan sartzen den lehen aldia. Izan ere, horren bidez gure intimitatea erakusten diogu beste pertsona bati, mingainarekin eta ahoarekin gure nortasuna adierazten diogu. Ba al zenekien musu bat ematerakoan 29 gihar mugitzen direla? Eta gure taupaden erritmoa bikoizten dela? Eta odolaren oxigeno maila igotzen dela? Bai, musuek bihotzari on egiten diote. Eta, gainera, argaldu egiten dute. Musu on batek 12 kaloria erretzen ditu-eta. Baina garrantzitsua da jakitea musua bi pertsonen kontua dela. Musua dastamen papilen arteko komunikazioa da, mingaina eta ahosabaiaren arteko komunikazioa, haginen eta ezpainen arteko komunikazioa. Eta hizkuntza erabiltzean bezala, eman eta jaso egin behar da, eskaini eta onartu, aurrera egin eta atzera egin, zarata atera eta isilik egon, sartu eta irten. Izan ere, musua ematea gizakien arteko komunikazioaren adierazpen gorenetako bat da. Euskararen normalizazioa komunikazio prozesu gatazkatsua da. Eragile sozial kritikoenek administrazioaren hizkuntza politika salatzen dute, edo komunikabideen mespretxua, edo eskolak belaunaldi berriak ez dituela euskalduntzen. Prozesu honetan etengabeak dira aldarrikapenak eta kexak. Hizkuntza galtzea drama da, bai horixe. Baina zer gertatuko litzateke hizkuntzaren normalizazioaren diskurtsoa plazerarekin lotuko bagenu? Gozatzearen diskurtsoaz berba egingo bagenu eta musuaren analogiaz? Umore apur bat beharrezkoa da, gauza serioen gainean berba egin ahal dugu irribarrea ahoan. Musu bustiez ari ginen ... Soziolinguistikaren Gida Sexualean: 1. Gure ahoarentzat eska dezagun beste ahoek duten gozamen bera. 2. Bila ezazu eroso zauden pertsona bat eta aurrera! Ezagutzen ez duzun pertsonekin bat-batean egitea sarritan gozagarriagoa da. 3. Normalizazio prozesua soziala da, konforme. Baina pertsona bakoitzetik hasten da, pertsonen artean komunikazioak trukatzean datza. Bakarrik gauza asko egin ahal ditugu, asko gozatu. Samurragoa da, ordea, beste pertsona bat(zu)ekin musuka ibiltzea. 4. Zure aitak edo amak ez bazuten ikasi, edo ez bazizuten esan zelan egin, lasai, ez da ezer gertatzen, ... Zure kabuz ikasteko garaian zaude oraindik. 5. Gai honen inguruan beti egon dira (eta daude) tabuak, mitoak, informazio gutxi eta ezjakite handia ... Bazter itzazu beste garai batzuetako aurreiritziak eta aurrera. 6. Batzuei gustatuko litzaieke probatzea. Izan ere, jakin badakite gehiago gozatuko dutela. Baina moztu egiten dira. Aukera bat eman. Lotsak bazter batean laga eta ahoarekin goza. 7. Oraindik jende askok pentsatzen du gure ahoa erabiltzea ez dela dotorea, gure ahoa apur bat baldarra dela. Ez dute ideiarik ere ez. Kasu gutxi, beraz. 8. Ahoa harremanak sortzeko, integratzeko, jendea ezagutzeko eta jendeak gu ezagutzeko tresna ezin hobea da. Ahoa erabili ezean, jai duzu. Baina, faborez, ez zaitez astuna izan. 9. Gau bateko igurtzi azkarra izan daiteke. Edo bizitza osorako harremana. Batek daki. 10. Ahoa (hizkuntza) eraginkorra da erabiliz gero. Praktikak hobetzen du jarduna. Inor ez da jakitun jaio. 11. Pertsona batzuek arazo psikologikoak izan ditzakete eta, ondorioz, ahoa ez erabili normaltasunez. Arazo horiek -soziolinguistikaren arabera diglosia, autogorrotoa, ...- konponbidea izan badute. 12. Pertsona batzuek arazo ideologikoak izan ditzakete eta, ondorioz, ahoa ez erabili normaltasunez. Arazo horiek zailagoak dira konpontzen. 13. Musukatzea ere ekintza kulturala da. Zure jendarteko kultura errespetatu. Ipar poloan biziko bagina inuiten artean, arrunta litzateke musuak ematea sudurrak igurtziz. 14. Pertsona batzuek uste dute euren ahoa besteena baino erabilgarriagoa, gaituagoa, erakargarriagoa eta hobea dela. Hara, zer azkarrak diren batzuk. 15. Torloju musuek, hizkuntzak bezala, ez dute pertsonak bereizten, demokratikoak dira: ez dute inor diskriminatzen ez adinagatik, ez arrazagatik, ezta sexu edo jaiotzagatik ere. 16. Osasunerako ona da, bizitza kalitate hobea izateko ere. Gaur egungo munduan ezinbestekoa da gaitasun hau taxuz garatzea. 17. Batzuek uste dute pertsonei prestigioa hizkuntzek (ahoek) ematen dietela. Baina ez da horrela. Pertsonak gara gure hizkuntzari (ahoari) prestigioa eman edo kentzen diogunak. Gure hizkuntza baloratzen ez badugu, nork demontre egingo du? Ahoa, beraz, gure burua ezagutzeko eta beste pertsona batzuk ezagutzeko biderik onena da. Onena da hizkuntza gure sexualitatea bezala bizi: aske, gozatzen, arduratsu eta osasuntsu. Normaltasunez, kontxo! ! Soziolinguistika eta ahozko sexuaren arteko harremanez berba egingo dugu beste baten. Edo daborduko egin dugu ... EUSKARA IRAKASLEAREN DEKALOGOA 1. Zu pertsona zara eta zure ikasle guztiak ere pertsona dira. Beraz, pertsonak zarete. Berdinak zarete … eta ezberdinak. Zuk urte gehiago dituzu eta baliteke eurak baino liburu gehiago irakurtzea .. Zu, gainera, irakaslea zara eta egiten duzunagatik kobratzen duzu. Berdinak zarete eta ezberdinak zarete, baina ikasturte honetan behintzat zerbait duzue komunean: euskara, alegia. 2. Zure helburu nagusietako bat da klaseak 50 minutu baino laburragoak direla iruditzea. Gozatuz ikasi. Edozein irakaslerentzat ezinbestekoa da taldeen dinamizazioan formazioa izatea. Irakasle jatorrek animazio soziokulturalari buruzko ikastaroak egin eta liburuak irakurtzen dituzte. Euskarak irakasle erraztaileak behar ditu, dinamizatzaileak, animatzaileak, jabetzea erraztuko dutenak, ezagutza dinamizatuko dutenak eta erabilera animatuko dutenak. Irakasle azkarrek ondo dakite taldeen dinamizazioan trebatzeak arazo asko konpontzen dituela. 3. Jarrera, balio eta arau soziolinguistikoak lantzea oso funtsezkoa da! Garrantzitsuagoa da ikasle batek aurreiritzi bat ezagutu eta gainditzea, akats ortografikorik gabe idaztea baino. Aurreiritzi batek ikasle horrek euskaraz ez idaztea ekar dezake, azterketa aroa amaitu ondoren. Gaur eta hemen lehenetsi behar da ikasleek hizkuntza-gatazka ezagutu eta barneratzea eta giza-errealitateari buruzko ikuspegi kritikoa eraikitzen joatea. Adin txikikoak izateak ez du esan nahi herritarrik ez direla. Lehen ikasgaia: pertsonak dira hizkuntza prestigiatu edo desprestigiatu egiten dutenak, ez dira hizkuntzak pertsonei prestigio gehiago edo gutxiago ematen dietenak. 4. Ikasleak arazoaren parte baino, konponbidearen parte dira. Ikasgelako pertsona bakoitza eraldaketa sozialaren iturri izan daiteke (A eta ez ahaztu institutuko lankideak eta gurasoak, jakina). 5. Azukrearen prezioa, sexismoa, bizikleta erabiltzea, tabakoaren kontrako legea, natura suntsitzea, osasun publikoa, adin nagusitasuna, hizkuntza, … dena da politika. Politika da herritarroi interesatzen zaigun oro, jendarteko kide garen heinean. Inor ez da apolitikoa, denoi, gutxi zein asko, interesatzen zaigulako jendartea. Beste kontu bat da alderdi batekoa izan ala ez. Eta hizkuntza eta jendartearen gaiari buruz ari gara berbetan. Beraz, garrantzitsua da gelan honen gainean eztabaidatzea: zer garrantzia du Gaztea irratiak? Zergatik ez dago ETBn rock-ari buruzko programarik? Ezinezkoa al da euskaraz ligatzea? 6. Garrantzitsua da psikologiari buruzko liburu batzuk begiratzea. Hizkuntza nortasun kontua da, soziala bezain pertsonala. Derek Walcott poetak, adibidez, honakoa esaten du: “hizkuntzaz aldatzen baduzu, bizitza aldatzen duzu”. 7. Errespetua eskatzen badiezu, errespetatu behar dituzu; sormena eskatzen badiezu, sortzailea izan behar duzu; lana eskatzen badiezu, langilea izan behar duzu; parte hartzea eskatzen badiezu, parte hartu behar duzu; komunikazioa eskatzen badiezu, komunikatzailea izan behar duzu; zuzentasuna eskatzen badiezu, zuzena izan behar duzu; ikasteko eskatzen badiezu, haiekin ikasi behar duzu; aldatzeko eskatzen badiezu, zuk ere aldatu behar duzu; zurekin fidatzea nahi baduzu, haiekin fidatu behar zara, eta abar. 8. Egiten duzunak mundua aldatzeko balio ez duela uste baduzu, ikasleek ez dute gauzak aldatzen ikasiko. Ezta tz tx baten ordez. Egiten duzuna gure hizkuntzaren egoera aldatzeko balio ez duela uste baduzu, ikasleek ere ez dute zugandik ikasiko hizkuntzaren egoera aldatzen. Ezkortasunak geldiarazten gaitu. Ez da hezitzailea. Jendarte arauek -ikusezinak, isilekoak- esaten dute zer den normala eta zer ez. Baina arau horiek aldatu daitezke. Irakasle baten eskolak emateko moduak arau horiek betikotu edo aldatzen lagundu dezake. 9. Testu-liburuek laguntza eman dezakete. Baina hizkuntza eredurik onenak kaleetan daude, telebistan, liburuetan, hiztegietan, egunkarietan, elikagaien etiketetan, telefono-gidetan, CDetan, DVDetan, interneten, gure elkarrizketetan. Materialik onena da gutako bakoitzak egiten duena. 10. Eskola kaleetara eraman behar duzu eta gelan sartu behar duzu kanpoko errealitatea. Hizkuntza jendartean bizi da. Gela ezin da izan burbuila. Ikasgelatik irten zure ikasleekin batera. Ikasgelatik irten eta hizkuntza bizi kanpoan, hitz egiten eta mespretxatzen duen jendearekin, ikasten eta ez ikusiarena egiten duen jendearekin, eraiki eta suntsitzen duen jendearekin. Bidaia bakoitza aurrera egindako pausoa da, beti. Anima zaitez. Egun onak eta txarrak daude. Gogoratu une onak eta indarra hartu egiteko lan asko dagoelako eta hizkuntzak behar zaituelako. Arnasa hartu. Gazteek behar zaituzte. Zorte on. BIGARREN MAILAKOAK Soziolinguistika. Berba potoloa da, mardula. Normalean entzuten dugunean atzera eragiten digun berba horietako bat. Baina soziolinguistikak gure bizitzan eragiten du, une orotan gainera, guk nahi ala ez. Horrexegatik, uste dut beharrezkoa dela soziolinguistikak ematen dizkigun armak ezagutzea, batez ere egoera minorizatuan dagoen hizkuntza delako gurea. Eta zer demontre da soziolinguistika? Ba, hizkuntza eta gizartearen arteko harremana aztertzen duen zientzia. No eta to. Eta hori zer demontre da? Ba, dena, den-dena. Esnatzen garenetik ohera joan arte hizkuntza gurekin harremanetan dago. Pentsamoldetik hasi eta edozein iragarki edo komunikabideetan amaitu. Baina ez gaitezen engaina, soziolinguistikak ez ditu prozesu indibidualak aztertzen, prozesu kolektiboak baizik: hizkuntza ohiturak, hizkuntza eskubideak, hizkuntza jarrerak, normalizazioa, hizkuntza gatazkak, hizkuntza portaerak, … Izan ere, soziolinguistikaren erpinek hainbat diziplina ukitzen dute: psikologia, antropologia, politika, zuzenbidea, komunikazioa, … Mataza askatzen hasi beharko noizbait. Soziolinguistika, batez ere, soziologia da eta ez horrenbeste linguistika. Hizkuntza interesatzen zaio bai, baina prozesu sozial gisara. Soziolinguistikak ez du aztertzen hizkuntza, ez bere sintaxia, ez joskera, ez morfologia, ez horrelakoak. Horiek filologoentzat. Soziolinguistikak erabilerari kasu, ez egiturari; kanpoko fenomenoei, ez hizkuntza barneko kontuei. Bereizketa horri soziolinguistikan corpus eta estatus plangintza deitzen zaie. Corpus plangintzak hizkuntza biziberritzea du helburu. Hizkuntza kodetzea, modernizatzea, estandarizatzea. Hau da, hizkuntza egoera berrietan erabili ahal izateko moldatzea. Estatus plangintzak, ordea, hizkuntza komunitatea biziberritzea du helburu, hizkuntza komunitate horren estatusa igotzea, hizkuntzarentzat erabilera esparru berriak irabaztea (edo daudenak bermatzea), alegia. Bien artean, zein da lehentasunezkoa? Biak dira beharrezkoak, baina estatus plangintzarik ezean, estandarizatutako hizkuntza laborategi hizkuntza baino ez da izango. Estatus plangintzak du lehentasuna, erabateko lehentasuna izan ere. Azken finean, hizkuntzaren normalizaziorako alderdi linguistikoak bigarren mailakoak dira. Beharrezkoak, baina bigarren mailakoak. Eta gure herrian horietan tematzea, gaur egun, denbora galtze hutsa litzateke. “Sultanaren kanoiak gure etxea birrintzen ari diren bitartean, ez da zentzuzkoa hormen koloreari buruz eztabaidatzea”. NIAGO Ez zait asko gustatzen lau haizeetara zabaltzea nire soziolinguista fazeta hau. Ezagutzen nautenek badakite, baina beste askok ez. Behin hitzaldi bat ematea suertatu zitzaidan eta lagun bat hurreratu zen. Hitzaldia amaitu eta haizea hartzen berba-dantzan aritu izan ginen biok ala biok. Honetaz eta hartaz. Zeruaz eta infernuaz. Elkarrizketa erdian Urtzik ia oharkabean barru-barruan burrunbada sorrarazi zidaten berbak jaurti zituen: “euskaraz aritzen naizenean niago naiz, izan gura dudanaren eta naizenaren artean koherenteago”. Horrexegatik, hain zuzen ere, egin du euskararen aldeko hautua bilbotar gazte honek. Izan ere, Mari Luz Estebanek esaten duen bezala, garenaren eta izan nahi dugunaren arteko amildegian gara nor. ESTU-ESTU Harremanak euskaraz edo gaztelaniaz ezberdinak ei dira. Euskarazkoak estuagoak ei dira. Lehenengo momentuan, behinik behin. Inoiz joan ez zaren gasolindegian euskaraz arituz gero, konfiantza giroa errazago lortzen ei da. Zer esanik ez, egoera larritxoagoak direnean. Gomutan dut, aspaldi, Fuerteventurara egindako bidaia. Hotelean arazo bat eduki zuten Azpeitiko neska bik. Beste hainbat bezeroren artean, Bergarako bikote bat eta gu geu geunden. Hiru familiak zelanbait elkartu, elkarri babesa eman eta arazoa konpondu genuen. Zergatik batu ginen? Hizkuntzagatik, jakina. Euskaraz harremanak estuagoak ei direla esaten hasi naiz. Euskarazko hautua egin duen Urtzi bilbotarraren berbak dira. NAPARTHEID Hamabost-hamasei urterekin nik ez nuen euskaraz berbarik egiten. Banekien, baina egin ez. Eskola orduetatik kanpo behinik behin. Entzun ere musika euskaldun gutxi entzuten nuen (Negu Gorriak bai, baina askoz gehiago ez). Eta irakurri 0. Orduan, egun batean deskubritu nuen Napartheid izeneko fanzinea. Txundituta geratu nintzen. Abangoardiazko komiki aldizkaria, zer eta euskaraz! Napartheid. Ikusten nuen bakoitzean tabernatik lapurtzen nuen eta etxera eraman. Gerora harpide egin nintzen, hala ere. Napartheid-ek zer eragina eduki du nire bilakaeran? Ba, ez dakit. Baina nerabetasuna eta euskara niretzat Napartheid eta Esan Ozenki dira. Gerora etorri diren gozamenen pizgarri zelanbait: Joseba Sarrionandia, Berri Txarrak, Anjel Lertxundi, Zea Mays, Xabier Montoia, Dut eta abar. GAZTEAK ETA EUSKARA Izenburu originala aukeratu dut, originalen artean originalena. Jarrai dezagun ba, galdera originalak egiten: zergatik ez dute gazteek euskaraz egiten? To eta no, hori da hori originala izatea, pentsatuko du batek baino gehiagok. Erronka berriak gustatzen zaizkit, dudarik ez. Eta bide malkartsu zein berri horretan nik ere nire aletxoa ekarri nahi dut. Has gaitezen hasieratik, hortaz. Egia al da gazteek ez dutela euskaraz egiten? Ba, zorionez edo zoritxarrez gezurra da. Gazteek euskaraz egiten dute, eta ez diot nik. Inkesta soziolinguistiko eta kale neurketa guztiek hori esaten dute. Eta ez hori bakarrik: helduek baino gehiago egiten dute euskaraz. Ostia, orduan zergatik esaten da gazteen artean euskaraz ez dela egiten? Ba, fideltasun kontuagatik izango da akaso. Izan ere, gazteen artean hizkuntza leialtasuna txikiagoa ei da, beste adin tarte batzuetan baino. Bale, arrazoi. Baina hau ere ez da guztiz egia. Gazte gehiagok du euskaraz nola edo halako gaitasuna. Zenbait lekutan gazte gehienek badute ulertzeko gaitasuna eta berba egiteko gaitasun minimoa. Baina, era berean, gazteen artean euskarazko hala-moduzko gaitasuna dutenak gehiago dira beste adin tarte batzuetan baino. Eta horrek azaltzen du hein handi batean euskararekiko leialtasun eskasagoa. Izan ere, lagun arteko erabileran (besteetan ere, baina honetan bereziki) erosotasunak goitik behera baldintzatzen du jarduna. Erosotasunik izan ezean, ez duzu erabiliko. Eta hori ez dago konpontzerik: edo eroso izan edo erdarak erabili. Eta erdarak erabiliz, erosotasun gehiago eta ohitura batzuk finkatuta. Eta hori aldatzen zaila da, oso zaila, gezurra badirudi ere. Baina ez gaitezen engaina. Euskaraz ondo moldatzen diren askok ere ez du euskara erabiltzen. Ados, baina asko kopuru erlatiboa da. Asko, zerekin alderatuta? Asko, zeren arabera? Egia esateko, euskaldunok oro har leialtasun handia erakusten dugu, edo hori dio behintzat Txillardegik asmatutako formula matematikoak. Formula horrek neurtzen du matematikoki euskaldun batek zenbat aukera dituen euskaraz egiteko leku zehatz bateko euskaldun kopurua aintzat hartuz. Ba, herri gehienetan erabilera formula horrek adierazten duena baino handiagoa da. Eta zergatik? Ba, euskaldunok trinkotze maila dezente handia erakusten dugulako. Hau da, euskaldunok euskaldunekin batzera jotzen dugu, eta euskaldunekin jardutera. Aldendu gara apur bat. Itzul gaitezen, ba. Ondo egiten dutenek zergatik ez dute egiten? Ba, ez dakit, eta seguru haiei galdetuta ere, ez luketela jakingo zergatik, edo erantzun topikoak emango lituzkete: ohitura eta halakoak. Baina bestelako arrazoiak ere egon badaude. Ohiturarena egia da. Eta oso zaila da aldatzen. Tabakoa uztearekin alderatu dute askok hizkuntza ohiturak aldatzearena. Eta egia da, baina posible da, nahiz eta tabakoarekin gertatu bezala, borondate irmoa behar den. Eta sarritan tabakoarekin bezala, laguntza ere behar da. Baina ohituraz gain, bestelako arrazoiak ere badaude. Fishman soziolinguistak social rewards bezala izendatu zituen arrazoi hauek. Guk, itzulpen librean, jendarte-sariak deitu ahal ditugunak. Eta zer dira hauek? Ba, labur-labur, jendarteak hizkuntza bat erabiltzeagatik edo ez erabiltzeagatik ezartzen dituen sariak edo zigorrak. Sari eta zigor sozialak beti ere. Pentsa dezagun, beraz, apur bat: zer sari eta zigor sozial dakartza euskarak? Eta zer sari eta zigor erdarek? MOTIBATU Gazteak motibatu behar ditugu (dituzue), antza. Euskara gehiago egin dezaten, jakina. Erraza da esaten, egiten ez dakit nik. Motibatzeaz ari ginen. Nik ez daukat erantzuna, bestela ez nuke hemen botako hain arin. Azkar joango nintzateke patentatu eta aberastera. Baina pista batzuk baditut, han-hemen entzun eta egindakoetatik abiatuta. Lehenik eta behin, gazteak ez “kriminalizatu”. Aski da. “Egin euskaraz” bezalako errieta-erreguek ez dute balio. Euskaldun agertzea gaur eta hemen joera nagusiaren kontra igeri egitea da. Helduontzako erraza ez bada, pentsa gaztetxoentzako. Bigarrenik, entzun. Gazteek asko dute esateko. Euren sentimendu, bizipen, kezka, interes, beldur eta abarrak oso garrantzitsuak dira. Ezagutu behar ditugu horiek guztiak, aldaketarik eragin nahi badugu. Hirugarrenik, tresnak eman. Gramatika tresnak beharrezkoak dira, jakina. Baina… hizkuntzen kontaktuen dinamikak garrantzitsuagoak dira. Fisikari buruzko teoria dezente ezagutuko dute, baina euren egunerokoan hizkuntzekin duten harremanaz zer dakite? Dinamika psikologikoez ari naiz, soziologikoez ari naiz, ez Txepetxen edo Fishmanen teoriaz, ez diglosia zer den. Batzuok deitzen dugun soziolinguistika domestikoa dut buruan. Eta, laugarrenik, lasai. Nik, adibidez, 15-16 urterekin ez nuen euskaraz egiten klasetik kanpo. Baina geroago egin nuen euskararen aldeko hautua; nik eta nire klaseko beste hainbatek. Eskolan ereindakoak izango al zuen eragina? Ez dakit, baina ez dut uste sobera egon zenik. Ez dut aipatu, baina irakasleak eredu izatea ere oso garrantzitsua da. Funtsezkoa, esango nuke nik. Esaten denari indarra ematen dio egiten denak, ezta? Gainera, kasu batzuetan, euskarazko eredu gertukoena irakasleak dira. Ez gara hasiko hemen erlijio irakasleei eskatzen zaien portaera arduratsua eskatzen, baina… OREOAK Bizardunak taldeari ikasi nion oreoak zer ziren. Pogues-en bertsio gogoangarri batean azaldu ziguten argi eta garbi zer ziren oreoak: kanpotik beltzak izan arren, barrutik zuriak direnak. Galleta ezagun horien tankera. Gure oreoak ere baditugu. Euskaldun azalean, baina barren-barrenean erdaldun, ezta? Hona hemen Itzain erabiltzaileak zuzeu.com-en botatako zerrendatxoa. Miren ikastolako irakaslea da 30 urtez geroztik. Ikastola-kumea du alaba ere. Baina, Ikastolako atea atzean utzi bezain laster, erdaraz bizi da alabarekin eta erdaraz, halabeharrez, euskara pixka bat sikiera, ikasteko “astirik izan ez” duen senar abertzale erdaldunarekin. Bittor musikaria da. Euskaraz abesten du, militantziaz. Hori da “bere” hizkuntza kutunari eta “bere” herriari, egiten dien ekarpena. Eszenatokitik jaistean, ostera, erdaraz jarduten du taldekideekin, teknikariekin, lagunekin… Antton euskaltzaina da, eta euskara irakaslea, eta euskaltzale porrokatua, eta… emaztearekin-eta, erdaraz egiten du ia beti. Ohitura kontuak, badakizu… Bestela egundoko ekarpena egiten dio euskarari. Lasai dago, beraz, alde horretatik. Zenbatek egiten du, bada, berak baino gehiago euskararen alde? Iñaki kazetaria da. Eta euskaltzale fina, “konprometitua”, gauzak garbi eta ideiak ondo sustraituta dituen horietakoa. Han eta hemen laguntzen du euskara sustatzen, hedabideetan egindako ekarpenen bidez batez ere. Bere lanean bikaina da, eta konpromisoa lehen kolpean sumatzen zaie bere testu eta irudiei. Lanak sarean saltzen ditu, frilans, freelance… erdara hutsez. Ekhi, EAEko hizkuntza politikarako arduradunetako bat da. Administrazio publikoan euskararen eremuan bide luzea egindako emakumea. Hori bai, bulegoa eta eraikina atzean utzita, erdara noranahikoaren besoetan etzaten da gozo-gozo. Lagunekin, abesbatzan, elkartean… Lanak lan, jaietan jai! Sabin enpresa-gizona da. Euskaldun peto-petoa, ikastola-kumea,… Etxean euskaraz bizi dira, oso argi daukate zer diren-eta: euskaldunak. Baina lana eta familia ez dira nahastu behar, ahal dela. Horregatik beharbada, erdara hutsez jarduten du bere enpresan, lankide gehienak euskaldunak dituen arren. Webgunea, publizitatea, jarraibideak, harreman komertzialak eta bestelakoak… guztiak burutzen dituzte erdaraz. Aitor politikaria da. Abertzale sutsua. Familiatik datorkio, eta txikitatik bizi izan du politika etxean. Egun politikarako eta politikatik bizi da. Ardura gero eta garrantzitsuagoak hartzea egokitu zaio. Euskaltzalea da, duda egitea ere! Ibilaldia, Korrika, Nafarroa Oinez eta Herri-urrats gorriz azpimarratuta dauzka egutegian. Ez du horietara huts egingo nolanahi. Lau horiek ez, beste jarduera guztietarako… erdara! Argi dauka euskara ez dela “inposatu” behar. Espainieraren eta frantsesaren inposaketaz iritzirik ez du. SUSEDIDOAK Baina horietaz aparte, askotarikoak dira euskararekin gurean dauden esperientziak. Kike Amonarrizek honako hauek batu zituen behinola: Euskara = eskola Bilboko Etxebarria Parkean gaude. Igande goiza da eta hamar urteko mutikoa jolasean ari da beste mutiko batzuekin. Halako batean, batek honela galdetu dio: - ¡Oye! ¿Tu padre es maisu? - No. ¿Qué pues? - ¡Hombre! ¡Es domingo y te está hablando en euskera! Euskararen zuzentzaile automatikoa Muskizko Kultur Etxean gaude. Guraso erdaldunei emandako hitzaldia amaitu da eta ama bat inguratu zait: - Mira, Kike. Es que hasta ahora no me había atrevido a preguntárselo a nadie, pero... - Tranquila… ¿Qué te preocupa? - Es que con el castellano esto no pasa. - ¿Pero pasar, qué? - Mira, es que cuando empiezas a hablar en euskera, nada más empezar a hablar… ¡Todo el mundo te corrige!… ¡Y todos diferente! Gure herrian arrotz I Baionan gaude. Euskal Museoaren atarian. Garazi aldean euskara ikasi duen japoniar honi Euskal Museoa bisitatzea otu zaio gaur. Sarrerako leihatilara hurbildu da eta: - Egun on! Nahi nuke museoa ikusteko sartze bat erosi. Eta sarrerak saltzen dituenak: - Pardon! Mais je ne parle pas le japonais! Kalitatean irabazi ala galdu? Tolosara egingo dugu jauzi. Euskararen kalitateari buruzko hitzaldi guztiak adibide honekin hasten nituen: - Guk hamalau urte genituenean, Tolosako kaleetan eta gazteon artean ez genuen sekula akatsik egiten euskaraz hitz egiterakoan. Inoiz ez genuen okerrik egiten gure artean euskaraz ari ginenean … Beti eta denok erdaraz egiten genuelako! Gezurra badirudi ere, urte haietan eta Tolosan, ez zegoen kalean euskaraz egiten zuen bertako gazteez osaturiko koadrilarik. Euskararen kalitateari dagokionez, beraz, zer egin dugu, irabazi ala galdu? Gure herrian arrotz II Tolosan jarraitzen dugu. Mende hasiera da eta Iurre auzoan gaude. Alaba txikiarekin paseatzen ari naizela, beste haur bat gurutzatu dugu. Alabak hizketan entzun dio bere amarekin, eta burua jiratuz, honelaxe esan dit zeharo harrituta: - Aita! Ume hori “sitano” ari da! Harrigarria egin zaio Tolosan adin txikiko ume bat erdaraz entzutea. Guraso anormalak Donostiara joko dugu azken suzedidoaren bila. Zazpi urteko alaba afaltzen ari da gurasoekin. Kezkaren bat dabilki buruan eta azkenean kanporatu egin du: - Ama, zuek zergatik ez zarete normalak? Zergatik egiten duzue beti euskaraz? DERIOZTARROK BOST KONTINENTEETAN Orain dela urte batzuk, Derioko Tximintx euskara elkarteak ekimen polit bezain interesgarria jarri zuen martxan: Derioztarrak 5 Kontinenteetan (edo D5K). Eta zertan datza? Ba, aste bateko bost egunetan hainbat derioztarrek eurek egindako bidaiaren bat kontatzen dute, euskaraz eta jendaurrean, argazkiz eta mapaz hornituta. Herriko jendeak bere bidaiak kontatzea. Sinplea da ideia. Eta herriko hainbat tabernetan. Eta emaitza? Ba, urte hauetan bost hitzaldien artean 100 pertsonatik gora, batez beste 25 hitzaldiko (kontuan hartuta Deriok 5.000 biztanle duela eta horietatik %30 gutxi gorabehera euskalduna dela). Izan ere, D5K martxan jartzeko arrazoi hauek izan zituen Tximintxek buruan: - Gertuko, hurbileko ekimen bat martxan jartzea. Horregatik, derioztarrak eta tabernetan. - Derioko euskaldunen parte hartzea bultzatu nahi genuen. - Sortzaile eta ikusle rolak apur bat lausotzea. - Inguruko harremanak bultzatzea. Eta, gainera, inguru hurbilean eragiten, auzo-komunitate-herrian eragiten. Fishmanen ereduaren arabera, eragin beharreko oinarrizko esparruan. Eta merke, oso merke egin daitekeen hitzaldi zikloa, 0tik gertu du kostuak. Euskararen erabilera ez du normalizatuko, ez horixe. Baina aurrerapauso xumea da norabide egokian. Hurbila, gertukoa, motibatzeko modukoa. Datorren urtean berriro egingo dugu(te). ESPRINTA ALA MARATOIA? Aspaldi idatzi zuen Lluis Aracilek L’esprint de les dones artikulua (euskaraz Emakumezkoen esprinta). Gutxi gorabehera, honakoa esaten zuen Aracilek orduan: “emakumeek beranduago egiten dute elebiduntzea, baina azkarrago amaitzen dute prozesua”. Hau da, emakumeak beranduago hasten dira hizkuntza nagusia ikasten, baina azkarrago “ahazten” dute euren jatorrizko hizkuntza. Galdera bat datorkit burura: eta alderantziz? Berreskuratze prozesuetan zelan jokatzen dute emakumeek? Azken kale neurketaren arabera, emakumeek gehiago erabiltzen dute euskara adin tarte guztietan. Arrasaten gazteen artean egindako beste ikerketa batek esaten du euskaraz diharduten lagunarte bakarrak neskez osatutakoak direla. Esanguratsuak datuak. Baina agian bizkorregi ondorioak ateratzeko. AURREIRITZI SALDA Irakurri dut Luis Azpiazuk idatzi duen Gazteak, musika eta euskara artikulua. Lan horretan Arrasateko gazteek musikarekin eta, bereziki, euskarazko musikarekin duten harremana aztertzen da. Eta … benetan harrituta utzi naute. Gazteek esaten dutena ikaragarria da. Aurreiritziak bata bestearen atzetik. Euskarak ez omen du balio drogei buruz kantatzeko, euskarak ez omen du balio iraintzeko, ez omen du balio punk musika egiteko, gaztelania gogorragoa omen da, zuzenagoa, bortitzagoa, eta abar. Eta euskal musikaz zer ulertu eta Benito Lertxundi, Laboa, trikitixa eta Ken 7. Hori, non eta Arrasaten! Nola aldatzen diren gauzak, kamarada. Hori kantatzen zuten Hertzainak taldekoek orain dela 30 urte: eta drogak nahi ditut AEKn, eta abar. Baina gaur egun, antza, ezin da. Ez da sinesgarria. KONPLEXUA DA Orain dela urte batzuk, euskara ikasten ari ziren lagun batzuk gonbidatu genituen TELP tailer batera. Berez ez dagokie, euskaldun kontzientzadunentzat baitira saiook, baina erabaki genuen hauek ere gonbidatzea taldea naturalagoa izan zedin. Adi jarraitu zuten ikastaroa, adi eta harri. Harrituta, esan gura nuen. Saioak amaitutakoan, parte hartu zuen ikasle batekin aritzeko aukera izan nuen. Eta hark honakoa jaurti zuen deblauki: “ez nuen uste euskaldun zaharrek horrenbeste konplexu zutenik. Guk edukitzea normala da, baina haiek?” Zer pentsatu latza eman zidan. Euskara ez dakitenek (edo gutxi dakitenek) ez al dute uste euskaldunok konplexurik dugunik? Edo konplexu gutxi dugunik? ESTEREOTIPOAK Hainbat aldiz esan zioten Niko Etxart kantari zuberotarrari ezin zela euskaraz rocka egin. Edo, hobe esanda, rocka euskaraz egitea sakrilegioa zela. 90. hamarkadan ere batzuek esaten zuten ezin zela dance musika euskaraz egin eta etorri ziren Hemendik at taldeko neska-mutilek eta pikutara bidali zuten uste ustela. Apur bat geroago hip-hoparen txanda etorri zen: ezin da hip-hop musika egin euskaraz. Selektah Kolektiboa eta haien uberan etorritako beste guztiek gezurtatzen dute harako iritzi-miritzia. Eta horrela mila estereotipo txertatu eta erantzi behar izan ditugu. Euskaldunon komunitateak ere mila aldiz egin behar izan die aurre tankera honetako estereotipo eta uste ustelei. Adibidez, Espainiako agintari batek esan zuen ezin zela fisika kuantikoa euskaraz irakatsi. Eta handik gutxira Joxerra Etxebarria irakasleak bota egin zuen uste hori lurrazpira. Eta hori bakarrik azken urteko kasu oso esanguratsua aintzat hartuta. Ez dut uste gure bizitzan euskaldunik egongo den honako adibide bati aurre egin ez dionik. Tristea da bai, baina hori da hizkuntza txikiak hitz egiten dugunon patu malapartatua. HEIDIREN EUSKALTEGIA Qaqortoq herrian geunden, Groenlandia hegoaldean. Trabesia bat egin ondoren, ostatu batera agertu ginen. Lo egin eta hurrengo goizean gosari gozoa prestatu zigun bertako jabeak, Heidik. Kafe beroa, ogi txigortua, eta abar. Gosaria inoiz baino gehiago luzatu genuen, momentu bakoitza disfrutatuz. Gosariko trasteak batzen ari ginela, Heidi gugana hurreratu egin zen. Gosariaz galdetu zigun eta, egoera aprobetxatuz, Groenlandiari buruzko klasea emango zigula esan. Guk berehala onartu genuen eta segundo gutxitara hor ari ginen denok, euskaltegiko ikasleen antzera, gure groenlandierari buruzko lehen (eta azken?) klasea jasotzen. Denok batera: Qujanaq, ajorpoq, takuss, … Denok batera groenlandierazko lehen berbak ahoskatzen. Kuianak, aiorpok, takux, … eta abar. Horren ostean, hogei bat minututan Groenlandiari buruz hasi zen berbaz, balizko independentziaz, hizkuntzaren geroaz, ondare naturalez, … Eta guk galderak bata bestearen atzetik josi genituen. Heidiren euskaltegian. Heidiren ostatuan. Txepetx izeneko batek honakoa esan zuen behinola: Hizkuntza ez da gramatika bat, hizkuntz komunitate bat baizik. Beraz, hizkuntza ikastea hizkuntz komunitate batean murgiltzea da. KIBUTZ EUSKALDUNA Jon Urruxulegik 2008ko ekainaren 10ean artefaktu hau ondu zuen Berria egunkarian: Ia erabat hutsik dauden herrietako bat euskaltegi bihurtzea. Bertara joan, herri batek behar duen administrazio guztia martxan jarri eta komunitate euskaldun bat eratu. Batzuk bertan biziko lirateke, agian, okupatutako etxe batean bezalatsu. Beste batzuk hilabete edo birako joango lirateke barnetegi klasiko batera joaten diren bezalaxe. Abereak, baratzeak, hitzaldiak, irakurketak, eztabaidak, bizitza. Zereginak banatzeko asanbladak. Subentzio beharrik gabeko euskaltegi librea, idealismoaren habia, Nor-Nori-Nork sistema zigortzailerik gabeko eskola liberatzailea, euskaraz bizi leloaren praktika sozio-linguistiko plastikoa, kibutz euskaldun ez estatala, naturaren kodigoaren erresuma, euskal herria litzatekeen euskaltegia litzateke horrelako bat. Zergatik ez martxan jarri? SOKA ERREBELDEAK XIX. mendearen amaieran lantegietako bizi-baldintzak latzak ziren. Beharginak oso gazte hil egiten ziren eta alkoholak benetako triskantzak eragiten zituen gizonen gibeletan baina, batez ere, jipoitutako emakumeen gorputz ubelduetan. Anarkistek, ordea, higienea bultzatu nahi izan zuten langileen artean. Higienearen bultzada horretan mendietara joaten hasi ziren arnas garbiaren bila. Birika zikinak biziberritzera. Gurean ere, abertzaletasunak mendia izan du ihesbide diktadura garaiko aire kiratsean. Eta mendia izan zen jendartean ideiak zabaltzeko bide emankorra, gainera. Mendizaletasunak hainbat balio zekarren: elkartasuna, askatasuna, ingurunearekiko babesa, … Sokakide(ar)ekin, batez ere, harremana berezia eta indartsua izan behar da. Izan ere, mendian denok gara elbarri bizkarra emanez elkarri. Konfiantza ezinbestekoa da. Balio horiek urteekin gesaltzen joan dira. Eta ez du ematen aurrera begira gesaltze hori geratuko denik. Gure jendartean ere antzeko prozesua bizi izan da euskararekin, ezta? Birika zikinak biziberritzeko balio izan zuen mendiak. Balio dezatela balio horiek ere euskaldunon biziberritzerako. KONPASAREN TEORIA Tximintx euskara elkarteko kide bat Erandiokoa da. Eta behin baino gehiagotan aipatu izan du konpasaren teoria. Zertan datzan azaldu beharko dut ba! Esan bezala, Erandiokoa da, Erandio Goikoa auzokoa, nahiz eta aspaldi Derion bizi. Auzo horretako euskal komunitatearen gesaltzea azaltzeko konpasaren teoria darabil berak. Frankismo garaiko euskal komunitatearen gesaltzea, hain zuzen ere. Erandioko plaza (edo eliza bera) zentrotzat hartuta, konpas batekin zirkuluak marraztuz gero mapan, plazatik zenbat eta urrunago, orduan eta "euskaldunago". Hau da, Erandioko plazatik abiatuta, zirkuluak egiten hasiz gero, Erandioko euskal komunitatearen gesaltze prozesuaren argazki paregabea lor dezakezu. Berak dioen moduan, salbuespenak egon badaude, baina salbuespenak baino ez dira. Eta, gaineratzen du, salbuespeneko kasuak burugogorrak izateagatik direla. Burugogor politikoak, hain zuzen ere: plazatik hur bizi arren, euskal nortasun politikoa garatuta zuten gurasoek transmisioa bermatzen zuten, bestela ez. Teoria interesgarria iruditu zait. Gesaltzearen arrazoiak zeintzuk diren iradokitzea baino ez zaio falta. Baina horiek nik aipatzea baino, agian zuek atera beharko dituzue, ezta? IZENAK ETA IZANAK Patxi Salaberriri 2007an egin zioten elkarrizketa Berria egunkarian, euskal izenen inguruan egindako liburu baten harira. Hona hemen handik ateratako lerrokada bat: XVI-XVII. mendeetako pertsona izenak, adibidez, soilik artxiboetan zeuden. Egia da hizkuntza guztietan gauzak aldatzen direla, baina gure kasuan akulturazioa izan da, izen horiek ohikoak baitziren. Ez naiz Tristan edo Percebalez ari. Joanes, Mallico, Charticoz ari naiz. XIX edo XX. mendera jo, eta ez dituzu aurkitzen. Akulturazioa izan da. Euskararen historia soziala oso gai korapilatsua da, oso dokumentu gutxi baitaude. Saiakera batzuk izan dira, baina gaur egun oraindik orain gauzak nahiko ilun daude. Patxi Salaberrik klabe bat ematen digu. Baina klabe asko falta zaizkigu oraindik. Euskararen historia sozialak asko erakartzen nau. Hala ere, aitortu behar dut gehiago erakartzen nautela etorkizunari begirako egitasmoek. Askoz gehiago. ABIZENKERIAK Euskaldun orok filologo bat ezkutatzen du. Zehatzago esanda, etimologian aditu bat. Are zehatzago, aizkolari genealogiko bat (zuhaitz genealogikoak botatzen dituenari aizkolari deitu dakioke, ezta? ). Garagardoa eskutan hor hasten zaizu bat: nire Villanueva hura nafar abizena da, Aezkoako azken ipurdiko zokokoa. Txor, txor, txor. Nire Salinas hori Leintz-Gatzagatik ei dator, esango dizu beste batek. Hurrengo egunean anaiak esango dizu Gatzagatik ez, Elorrioko mendi puntako auzo batetik ei datorrela Salinas sonatua. Urliak esango dizu García ere euskal abizena dela eta gazteatik ei datorrela. Galdera batek egin du bidea nire buruan, artez egin ere: nondik ote dator nire Rodriguez hori? Eta Gomez hori? Tortillari buelta pare bat eman ostean, erantzunak ere artez egin du bidea neure buruan: eta zer arraio inporta zait niri nondik datozen? Axola zaidan gauza bakarra da nora doazen ... NI BARIK, GU Gaztetan gu izaten zen gure neurri bakarra. Ni-rik ez zegoen. Edo baldin bazegoen, ez zen funtsezkoa, gu zen funtsezkoagoa. Dena gu-ren alde, gu eta gutarrak, gureak eta gutarrak. Gu, bakarrik inoiz ez, beti trumilka. Geroago konturatu ginen, antza, euskaldunok mundu ikuskera berezia dugula. Eta Patxi Juaristik erakutsi zigun ale bat, ondasunei dagokiena, bere Euskaldunak eta ondasunak liburutxo zoragarrian. Esaera zaharrak aztertu zituen berak eta handik tesia egin. Euskaldunok ondasunekiko izan ditugun harremanei buruz. Haren arabera, etxea osatzen zuten ondasunak bi motatakoak ziren: iraunkorrak eta ez-iraunkorrak. Iraunkorrak unean uneko etxekoen gozamenerako ziren (esate baterako, abereak) eta ez-iraunkorrak, berriz, belaunez belaun transmititu beharrekoak. Beraz, ezin ziren saldu (gaizki ikusia zegoen saltzea). Ondasunak etxeko, etxerako eta herrikoak ziren, baina gutxitan agertzen ziren propietate pribatu bezala. Ondasun iraunkorrak ez ziren norbanako batenak bereziki, herritar eta sendi desberdinenak baizik eta, ondorioz, etxeko kide eta herritar guztiek zuten ondasun horiek erabiltzeko eskubidea; ondasunak erabiltzeko aukera elkarte bateko kide (etxeko edo herriko kide) izateagatik lortzen zuen norbanakoak, eta ez, gizaki izatearen arrazoi hutsagatik. Filosofia horren oinarria da ondasunekiko harremanetan arduratsua izatea: atzetik datozen belaunaldiek ondasun horiez gozatzeko eta erabiltzeko eskubidea zutenez, herriko edo etxeko ondare arduradunek ezin zuten ondasunekin nahi zutena egin. Gauzak horrela, ardura hori egoki beteko zuen norbait aukeratzen zen; herriaren kasuan alkatea eta etxearen kasuan berezitasun onenak zituen seme-alaba. Euskal Herrian besteekiko eta ondasunekiko arduran oinarritutako jendartea zegoen garai batean, non etxea jendarte-bizitzaren erdigune moduan funtzionatzen zuen erakundea zen eta norbait izatea nonbaitekoa izateari lotuta zegoen; norbait izateko nonbaitekoa (etxeko edo herriko kide) izan behar zuen norbanakoak. Jendarte horretan, gainera, lanari garrantzi handia ematen zion mundu ikuskera zegoen; ondasun iraunkorrak lanik egin gabe jasotzen ziren eta, beraz, ezin zen haiekin nahi zena egin. Ondasun ez-iraunkorrak, ordea, norbanakoak landu behar izaten zituen eta lan horrek legitimatzen zuen ondasun horiekin nahi zena egiteko aukera; hori bai, beti ere logika baten barnean. Ez zegoen, beraz, alferkeriarentzat lekurik. Gazte garaian erabiltzen genuen gu hura ez zebilen agian horren oker. Autoelikatzen garen espirala izateko, gutasuna ere beharrezkoa litzateke? MISTERIOAK Transmisioa ez da transfusioa, batzuek bestela uste arren. Gogoratzen umeetako telefono apurtua izeneko jolasa? Ezer ez da jaso zen moduan eman, ezer ez da berdin besteei pasatzen. Gainera, transmisioa dinamikoa da. Goitik beherakoa bezain behetik gorakoa. Hala ere, transmisioak misterio bat izaten jarraitzen du. Euskararen iraupena bezainbestekoa, antza. Anjel Lertxundik ere antzekoa uste du. “Euskal mundu sinbolikoaren biltzaile eta ikerlariak (Barandiaran, Azkue, Webster, Aita Donostia, Cerquand…) zazpi probintzietako bazter batetik bestera zebiltzanean ahozko tradizioa jasotzen, topos berdin asko topatzen zuten han eta hemen, labe berdinetik edo berdintsutik irtendako gozopilak aurkitzen zituzten Zuberoako puntetan eta Urbasako bordetan. Nola egiten zuten transmisioa, nolakoa zen kantuen, ipuinen, jolasen joan-etorrien sarea? Merkatuei esker ote zen, Tolosatik Iruñera edo Iruñetik Zangozara arre-arre mandako zebiltzan saltzaile, buhame, morroi eta perratzaileen ahotik? Nola, bestela? Ez dakigu, baina misterioz betea da transmititu zigutenaren barne-koherentzia eta, aldi berean, ugaritasun koloretsua. Ez zuten eskola-sistemarik, ez zuten telebistarik, ez zuten internetik. Aukerez beteriko beste mundu batek bizi gaitu. Ezin eutsi, ordea, mendeen lanbroetatik iritsi zitzaigun mirariari.” EGIN KONTU Ruper Ordorikaren ahots zoliak belarriak jo dizkigu maiz honako kantu honekin. Igor Elortzak ere galdetzen zuen ea modernoak ez ote genituen aspaldi zaharkiturik. Aurrerabidea nora doa eta nondik? Egin kontu bost mila zazpiehun kultura ezberdin desagertu dira historian. Esaten dutenez aurrerabidea elkar jan horretan oinarritu da mendeetan zehar. Beraz ez larritu izan jakintsu orpoa erakutsi aurrerabideari. Jarraitu egiozu asko dakienari behingoz utziozu baldar izate horri. Gabiltza hainbeste nor gara gu zer gara gu euskotarrak gara gu Ez dela egoki egunak ematea zilborrari begira munduan zentroa bagina Ez dela zilegi insolidarioa ei da traban ibiltzea ezberdintasun kontuekin Diru kontua dela autokonplazentzia atzerakoia txokoan bizitzeko gogoa. Gabiltza hainbeste nor gara gu zer gara gu euskotarrak gara gu Ez baita ahaztu behar kultura guzti horiek zirela traba hutsa delako progreso horrentzat. Ez baita ahaztu behar bost mila kultura desagertu horiek ezin dira okerturik egon. GURE ARTEKO AZKENA Guri askotan gustatzen zaigu agoniko jartzea. Baina ez gara bakarrak. Félice Dubois-en testu hau dugu horren adibide: Gure arteko azkena naiz, dagoeneko ez daukat norekin berba egin. Atzo bertan, andrea nuen ondoan. Elkarrekin gure txikitako urteak gogoratu genituen. Nire andre maiteak utzi egin nau. Ez dugu seme-alabarik izan, ez gara ausartu. Mundua -gure mundua- gehiegi aldatu baita. Gogoratzen dut aita etxera itzultzen, aztoratuta: Zuri bat ikusi zuen. Orain dela mila ilargi izan zen. Ordutik, gure buru gaineko zerua ez da lehengo bera. Bizi izan gara, gure arbasoek bizi zuten bezala, Lurreko maizterrak bezala. Baina beste batzuk heldu eta esan zuten: “hau guztia, hemendik aurrera, gurea da”. Zer erantzun eman ahal izan genuen? Milioika berba geneuzkan milioika landare, txori, arrain, animaliei deitzeko, baina ez geneukan bat bera ere ez “jabetza, jabego” izendatzeko. Gure arteko azkena naiz. Nirekin batera desagertu da gure aitak erakutsitakoa, bere aitaitarengandik ikasi zuen guztia. Ez dakit idazten. Nire hizkuntza ederra eta zaila da, baina haizean kantatu egiten da, harean marraztu egiten da. Eta bihar, ni ere desagertzen naizenean, zuek guztiak zerbait galduko duzue. TRIGLOSIA Urtero Gabonen bueltan Tximintxeko batzar potolo bat egiteko aprobetxatzen dugu, urteko balantzea egin eta hurrengo urteko lan ildoak definitzearren. Baina, sarritan gertatu legez, batzar-ostea batzarra bera baino interesgarriagoa izan zen. Batzar-osteak Derion Txapasenean egiten genituen garai haietan. Bertan eztabaida mamitsua eta saltseroa izan genuen. Gaia: batua, euskalkiak, mendebaldeko hizkera, bizkaiera batua, etxeko hizkera. Denetarik entzun zen, baina oro har denok nahiko ados geunden eztabaidaren funtsean. Batek esan bezala, batuazale amorratu izatetik orain beste muturrera pasa da jende asko herri honetan. Mutur batetik bestera, beraz. Azkenean, mendebaldean hiru hizkuntza mota lehian daudela izan zen ondorioa: euskara batua, espainola eta bizkaiera (baina ez bizkaiera batua, etxeko hizkera baizik). Bizkaiera batuaren aurkako iritzia orokorra zen: ez du ezertarako balio, egoerak eta egoerak daude eta horien arabera estandarra edo etxekoa erabili beharko lirateke, batuaren kontrakoek bizkaiera batuarekin gauza bera egin dute, ... Ni ere eztabaidan izan nintzen, sutsu gainera. Eta goian esandakoarekin bat nator, erabat. Bizkaiera batua baino gauza absurdoagorik ez dut ezagutu. Euskalkiek batua aberastu behar dute, jakina. Eta euskalkiek euren lekua dute etxeko hizkeran, herri komunikabideetan eta abarretan. Baina zer zentzu du Txorierriko herri aldizkarian dabe aditza erabiltzea Txorierrin inork erabiltzen ez badu? Horretarako, dute erabili eta kito. Eztabaida kaotikoa izan zen, eta kontakizuna ere apur bat anabasa da. Baina hori da eztabaidek dakartena, kaosa, eta galdera berriak egitea. ZER DAUKAGU EUSKALDUNOK ESPORTATZEKO? Gaur egun esportazioak garrantzitsuak ei dira gurean. Hemengo enpresek gauza asko esportatzen dituzte: altzariak, armak, trenak eta abar. Baina ez gara horretaz arituko hemen. Bestelako esportazioei egingo diegu kuku. Soziolinguistika arloan zer daukagu esportatzeko? Hori da galdera. Eta hainbat erantzun eman dakioke, baina hemen neurea emango dut. Nire erantzuna. Garabide elkartekoek euskararen berreskuratze esperientziaren inguruan lan eskerga (eta eskertu gabea) egiten ari dira. Munduko Hegoko herriei begirako dibulgazio eta esperientzia-saltze ederra bezain ezinbestekoa. Baina eurek aipatzen dituzten gauzez gain, esportatzeko moduko gehiago badaude, nire ustez. Bi egile (Txillardegi eta Txepetx) eta, batez ere, bi egile horien lan teorikoaren inguruan egin diren bi ekimen praktiko: ahozko erabilera neurtzeko metodologia eta euskara elkarteak. Metodologia aldetik, munduko soziolinguistikari ahozko erabileraren inguruko metodologia eman ahal diogu. Metodologia berritzailea da eta hemen sortu, ondu eta zaildu da. Eta munduko hainbat bazterretan interesez hartuko lukete, nire ustez. Txepetxen teoriak ezagunak dira hemendik kanpo (eta hemen ere). Baina hemendik kanpo teoria horietan oinarritutako (ondo ala ez, baina hori beste kontu bat) euskara elkarteen mugimendua zeharo ezezaguna da. Egongo dira esportatzeko moduko beste hainbat gauza, baina goian esan bezala, horiek dira nire erantzunak. JARRAITU ETA IREKI Euskara nondik dator? Ahaiderik al du? Milaka liburu eta artikulu daude horren inguruan, milaka teoria. Baina oraindik ez dute teoria horiek adostasunik. Eztabaida biziko gaia da orain ere eta horrela izango dela luzaroan ematen du. Baina euskarak misterio handiagoa gordetzen du bere baitan: XXI. menderaino bizirik irautea. Zergatik dirau bizirik euskaldunon komunitateak XXI. mendean? Hainbat erantzun egon dira: bakartze geografikoa, kasualitatea eta abar. Juan Carlos Etxegoien “Xamarrek” testu honetan horiek guztiak birrintzen ditu: “Gure hizkuntza komunitatearen iraupena harrigarria da historikoki. Pentsatzea hori kasualitatea izan dela, mendien artean ahaztutako herri bakartua izatearen ondorio dela, inozokeria galanta da, historian eta geografian, besteak beste, ezer ez dakiguna erakusteaz gain.” Bestelako erantzun batzuk badira, hala ere. Jon Sarasuak bi berbetan laburbiltzen du misterioa: jarraidura eta irekidura. Sarasuak jarraidura sen kultural batekin lotzen du: eman digutenari jarraipena ematea. Irekidura, berriz, unean unekoari zabalik egotea da: berrikuntzei, garaian garaiko modari, inposatu digutenari, … Bere berbetan, hala ere, askoz hobeto ulertzen da: “Tradizioei leiala izateko modu bakarra katea segitzea da, baina katean segitzeko sortu egin behar da, eta sortzeko nahastu egin behar duzu, konbinatu, bestela egiten duzuna kopiatzea besterik ez da”. Misterioa teorikoki argitu aurretik, gurean askotxok, intuitiboki bada ere, bi oinarri horiek praktikara eraman zituzten. Bertsolariak aipatzen dira maiz, baina gaur eta hemen, ordea, musikari buruz ari naiz. Eta euskal musikan bada horren adibiderik. Mikel Laboak, oharkabean edo ez, bi uztarri horiek batu zituen, maisuki batu ere. Jarraidura asko landu zuen. Euskal Herriko hainbat eta hainbat kanta tradizional berreskuratu eta guztion ondare musikalaren parte egin zituen: esate baterako, Haika mutil, Bereterretxen kanthoria edo Iturengo arotza. Baina Mikel Laboaren kantagintza ez da bakarrik herri kantak berreskuratzea. Beste bi zutabe nagusi izan zituen, irekiduraren adibide biak ala biak. Batetik, egile modernoen poesiak musikatu zituen: Gabriel Aresti, Bertold Brecht, Joseba Sarrionandia, Joxanton Artze edo Bernardo Atxaga musikatu ditu. Eta, bestetik, abangoardiako kantak ere eratu zituen: Lekeitioak sailekoak hain zuzen ere. Hori gutxi balitz, bere kantu asko tradizional bihurtu dira (edo bihurtzen ari dira): Txoria txori, Izarren hautsa, Martxa baten lehen notak, … Bertsolariek ere erabili dituzte berak sortutako melodiak bertsoak taxutzeko. Baina ez hori bakarrik. Musikari gazteagoekin harreman sakona izan zuen. Baita haiengan eragin eta arrasto sakona utzi ere. Adibidez, rock musika muturrekoena egiten duten Lisabökoekin lan egin zuen (nahiz eta bera bestelako musika egiten zuen “agurea” izan). Gazteek bi disko (eta hainbat bertsio) paratu dituzte haren omenez: Txerokee mitikoa (Negu Gorriak, Sutagar, Bap! !, M-ak, Delirium Tremmens, …) eta Txinaurriak (Willis Drummonds, Ama Say, Anari, Mursego, Berri Txarrak, Ruper Ordorika, …). Eta beste talde batzuek ere egin dituzte bertsioak: Oreka Tx, Morau, Zea Mays, Dut, ... Jarraitu eta ireki. Bertatik bertara eta bertakoentzat, baina kanpokoa gureganatuz. Horixe izan da Mikel Laboak soziolinguistikari egindako ekarpena, ekarpen oharkabea bada ere. Ireki eta jarraitu. Bertakoa ahaztu gabe, begi bat (edo bi) kanpoan egiten denari adi. Oso adi. Baina nik baino hobeto beste batek adierazi zuen behinola. 1974an Joxanton Artzek honela definitu zuen Mikel Laboaren kantagintza: “Herriak beti zahar beti berri izaten dira; eta garaian garaiko, eta lekuan lekuko mendez mende egosi duten tankeraz sortzen zaizkien galdekizunei erantzuna ematen saiatzen dira; honek, hain zuzen, beren nortasun bakana eta orokorra finkatzen du”. Mikel Laboak Atxaga musikatuz honela gaztigatzen zigun bere kanta ezagun batean: Gure hitzak Esan berriz esan Ez daitezela ahaztu Ez daitezela gal ARASÁN Arasán herri fierra bezain txikerra Pirinioetan dago, Huescan, Benasque haranean. Bertako jatetxe bakarrean bapo bazkaldu ondoren, terrazan gaude tragoak eskutan. Berba eta berba ari gara. Momentu batean komunera hurbildu da bat eta bueltan Arasán herriari buruzko liburua dakar. Arasán herriaren historia, bitxikeria etnografikoak, ondare materialari buruzko aipamenak, dantza, jai eta ospakizunen gainekoak, herriko etxeen eta bertakoen istorioak, eta abar, eta abar. Oporretan izan arren, ezin obsesioei itzuri egin. Hizkuntzari buruzko aipamen bila abiatu naiz liburuan barna. Orriak pasa eta pasa, berriro pasa, berriro begiratu eta hara. Arasandarrek zer egiten zuten badakigu, zer jaten zuten, zelan egiten zuten jai edo dantza, … baina tutik ere ez arasandarrek euren artean erabiltzen zuten hizkuntzari buruz (edo hizkuntzei buruz). Arasandarren historiak badakizkigu, baina eurak mutu dira. ORHIPEAN Orhiko xoria, Orhira tira. 1992an argitara eman zuen lehendabizikoz Xamarrek Orhipean liburu zoragarria. Tradizioak, ohiturak, mitologia, literatura, bertsolaritza, … era dibulgatibo eta entretenigarrian. Euskaltasunetik eta euskaratik jakina. Euskal arimaren gidaliburua, euskaltasunaren entziklopedia laburra, oinarrizko gidaliburua, … Bertako zein kanpokoentzako opari bikainak dira beti Xamarren liburuak. Galizia aldean Xamarren liburu bat baino gehiago jaso dute nire lagunek. Hala ere, Orhipean liburuak izan du nire lagun galiziarren artean arrakasta gehien. Liburu laburra, irakurterraza, dibertigarria, xaloa, … Gure herriaren bisita-txartela munduan, ingelesez, frantsesez, katalanez zein gaztelaniaz. Izan ere, inork ez du babesten ezagutzen ez duena. DEKRETUAK Robert L. Cooper soziolinguistak dio hizkuntza plangintzako erabaki gutxi egikaritu daitezkeela dekretu bidez. William Mackey soziolinguistak ere antzekoa dio: “hizkuntza legeek ez dute beren helburua lortzen, hau da, ez dute lortzen hizkuntza jokaerak aldatzea. Hizkuntza legeak eraginkorrak dira sustatu nahi den hizkuntza beste alorretan nagusi baldin bada: nagusi kulturan, ekonomian, demografian, eta abar”. Orduan? Legeei egin behar diegu muzin? Dekretuei mus? Lege garapen egokiari trufa? Ez. Baina lehentasuna quilomboetan daukagu, hiztun komunitate gisa iraun nahi badugu. Quilomboetan? Zer dira quilomboak, bada? Segi irakurtzen, arren. QUILOMBO Brasilen ihes egiten zituzten esklabo beltzek oihanera jo ohi zuten. Oihanean bizirauteko elkartu egiten ziren ihes egindako beste esklabo batzuekin eta komunitateak sortu. Horiek dira, hain zuzen ere, izenburuko quilomboak. Komunitateak. Komunitate autoeratuak. Ubuntu ere jatorri afrikarreko berba da, quilombo bezala. Esangura bat baino gehiago ei ditu. Baina hedatuena, antza, “ni naiz gu garelako” da. Honi lotuta pasadizoa kontatzen da. Antropologo (?) batek ume batzuei jokoa proposatu zien: zuhaitz baten ondoan fruituez betetako saskia jarri zuen. Umeei esan zien heltzen zen lehenari saski osoa emango ziola. Umeek elkarri begiratu, besoetatik elkar oratu eta batera egin zuten korrika, eta batera gozatu sariaz. Antropologoak, orduan, harriturik galdetu egin zien zergatik: eta umeek ubuntu erantzun. Ni naiz gu garelako, alegia. Ubuntu da etxeko ordenagailua piztu eta ikusten dudan lehen berba. Izan ere, software libreko sistema eragile nagusiak Ubuntu du izen eta filosofia. Gure etorkizuneko euskarak ere quilombo-ak eta ubuntu-ak beharko ditu. PALATAN Txikitan hondartzara askotan joaten nintzen gurasoekin. Aitari ez zaio gehiegi gustatzen, baina niri bai eta askotan joaten ginen. Aita eta biok uretara sartzen ginen (ama ez dut sekula ikusi itsasoan) eta, horren ostean, palatan aritzen ginen biok ala biok. Baina … nik ez nuen ulertzen jolasaren funtsa. Nik palatan aita irabazi gura nuen (xakean edo beste edozein gauzatan bezala) eta ez nuen ulertzen hondartzan palatan aritzeko elkarlana behar-beharrezkoa dela. Biok jarri behar dugu gugandik apur bat, bestela ez dago modurik palekin hondartzan gozatzeko. Beranduago ikasi nuen jolasaren funtsa, denborapasaren funtsa, elkarlana ardatz. Gure hizkuntza biziberritzeko ere elkarlana funtsezkoa dugu (Iñaki Arrutik esan zuen elkarlana normalizazioa dela). Ditugun ezberdintasunak momentu batez ahaztu, eta batzen gaituenari oratu. Izan ere, elkarlanean aritzea erantzukizuna artikulatzea da, hau da, gure komunitatearen geroa komunitate horren partaide garenon eskuetan dago. Beraz, elkar ulertzera kondenaturik gaude. Palatan eraginkor aritzera behartuta gaude. GATZAREN ARDURA HARTU Eta gatzaren ardura hartu behar dugu. Komunitate baten geroa komunitate hori osatzen dutenen araberakoa izango da, edo ez da izango. Komunitatea ehundu, saretu, batu, bereizi, trinkotu, elkarlotu. Baina guk erabakitzen duguna, guk hartu behar baitugu gatzaren ardura. Ezin gara inoren zain egon. Askatuko gaituen inor ez dago, askatuko gaituen legerik ez dago, dekreturik ez da. Guk egin behar dugu, beste inork ez du egingo guk egin ezean. Gatzaren ardura hartu behar dugu, baina nork hartu behar du? Beti egon da minoria aktibo bat, beti. Beti egon dira aitzindariak izan direnak, garenak. Minoria aktibo hori gaitu behar da, gaitu behar dugu geure burua. Aitzinago joko dutenak babestu, aitzinago joko dugunok jagon. Bero eta su, fereka eta gozo, umorez blai. Gatzaren ardura hartzen dutenei bidea samurtu, gozatu, arindu behar zaie. Lagundu eta babestu, geriza eman. Gatza gatxa baita. MINTZA EGUNA 2007an izan nintzen lehendabizikoz Mintza egunean, Donostian, Derioko zenbait berbalagunekin batera. Ordurako, baneraman denboratxo bat soziolinguistika aplikatuan (hau da, Derion euskaraz ondo moldatzen ez ziren batzuekin batera astero pare bat ordu batzen euskaraz natural aritzeko). Egun horren ostean, honako gogoeta hau plazaratu nuen: Ez dut Mintza egunari buruzko kronika bat idatziko, beste hainbatek egin dute nik baino hobeto. Nik irakurketa soziolinguistikoa egin nahi dut. Askotan egiten dugu berba plangintzez, kontu teknikoez-eta. Baina ahazten zaigu plangintza horien atzean pertsonak daudela. Eta pertsona horiek emozioak eta sentimenduak dituztela, baita aurreiritziak eta interes ezberdinak ere. Mintza egunak (eta oro har, berbalagunen mugimenduak) euskararen normalizazioan eragiten du eta emaitzak, gainera, ikusgarriak dira. Horrez gain, parte hartzen dugunon autoestiman ere eragiten du. Konplexuak alde batera lagatzeko aukera ematen du mugimendu honek. Baina ez bakarrik ondo moldatzen ez direnen konplexuak. Donostian nabaritu nuen euforia giroa, adiskidetasun giroa. Baina, horrez gain, euskararen normalizazioan bene-benetan eragitearen sentsazioa. Eta hori ez da makala, gure euskalgintza honetan. Horrez gain, ikasten ari direnak gure balizko komunitatera proiektatzeko asmatu dugun biderik emankorrena da. Hobeak egongo dira, baina orain arte ez dugu asmatu bide horiek topatzen. Naturalagoak izango dira, dudarik ez. Baina gaur egun indarrean dagoen biderik naturalena hauxe da. Eta hortik abiatuta, hizkuntza komunitatearen trinkotzeko bidea. Fishmanek aipatzen duen gertuko komunitatean gainera. Hizkuntzaren transmisioa bermatuko duen gertuko komunitatean. Berbalagun egitasmoek bertute asko badituzte, emaitza zoragarriak eta abar. Findu beharrekoak ere baditu, hala ere. Batez ere, komunitatera proiektatzearen gainean. Izan ere, herri oso erdaldunetan akaso komunitaterik ez dago, beraz ezin proiektatu. Zer egin behar du berbalagun mugimenduak? Komunitatea sortu? Horretarako gaitasunik ba al du? KOMUNITATE BI (EDO HIRU) Gurean bi komunitate ei daude (edo hiru). Mila aldiz entzun eta irakurri dugu. Eta bai, egia da, komunitate bi (hiru) daude gurean, baina, ai ene, zeintzuk dira komunitate horien mugak? Zeren inguruan ardazten dira ba? Hizkuntzak definitzen ditu komunitateak? Hizkuntzak ala beste zerbaitek? Nire ustez, hizkuntzak ez ditu definitzen komunitateak gurean: batzuontzako akaso bai, baina gehienentzako ez. Izan ere, zein dago zugandik hurbilen: euskaraz egiten duen UPN ala Sarkozyren hauteslea ala euskaraz ez dakien Bildu zein EAJ bozkatzen duena? Hizkuntzak gurean emozio-karga sakona du, identitatea ematen du, nortasuna. Baina ez da erabakigarria nire ustez komunitate bateko zein besteko kideak bereizteko. Ez da erabakigarria: abertzaletasuna da oraindik orain balizko bi edo hiru komunitate horiek bereizten dituena. IKERTU Teresa Moureri honako irakurri diot: Azken hamarkadetan galiziera ikerketa lerro garrantzitsua bilakatu da. Galizieraren bariazio fonetiko, morfologiko eta lexikalen gaineko informazio uholdea dugu. Baina horretara bideratutako energia erudizio hutsa dela ematen du, hizkuntzaren aldeko aktibismoa nahiko aparte uzten den heinean. Eta, nahi barik, eta ez dakit zergatik, galiziera jartzen duen tokian neure buruak euskara jarri du ... MAKULUAK Gure komunitatea askotan ez dabil oso autozentratua. Ez dabil oso fin osasunez. Horrelakoetan, Bertolt Brecht-ek idatzi eta Berri Txarrak taldekoek zaratatsu bihurtu zuten poesia honekin gogoratzen naiz. Eta makuluak apurtzeko gogoa sartzen zait. Zazpi urte geldirik iragan nituen nik, ezin eman pausorik. Jo sendagilearengana hark berehala galdetu zidan: “zertarako makuluak?” nik erantzun: “elbarria naiz”. “Ez nau batere harritzen” izan ziren haren hitzak: “saiatu zaitez ibiltzen, tramankulu hauek dira ibiltzen uzten ez dizutenak, tramankulu hauek dira zure traba nagusia” “Ausartu zaite, saia ibiltzen, narras zaite lau hankatan”. Munstro bat zirudien barrezka ozen, krudel, bi makuluak hartzen nire bizkarraren kontra pausatzeaz batera, morroiak barreari ezin eutsiz bota zituen sutara. Orain banabil, orain badakit, orain sendatuta nago; barre algara akuilu batek osatu ninduelako zenbaitetan bakarrik, makilak ikustean, ordu batzuz soilik motelago nabil baina ibili banabil, orain banabil. ANTZOKIA Lekuak leku baino ez dira, lau horma kasurik onenean (karpapeak ere gustuko ditut). Lau horma, hori baino ez. Garrantzitsuena ez da hori. Garrantzi handiagoa du edukiak. Eta eduki horrek emozioak sorrarazten baditu are gehiago. Unibertsitateko parkea ondo iltzatuta dut gogoan eta ez bereziki leku polit eta atsegina delako. Eta horrela beste mila. Edukiontzi politak baino, eduki liluragarriak dituen etxe zabarrak gurago. Eta Bilboko Kafe Antzokiarekin (beste neurri batean Hori Bairekin ere) horixe gertatzen zait. Emozioz eta energiaz betetako gau gogoangarrien zerrenda luuuuuuuuuuuuzea da. Barruraino heltzen zaizkizun kontzertu, emanaldi eta abarrak zientoka. Eta zapatu zein eguenetako gau zoroak. Horregatik du Kafe Antzokiak lekutxo bat neure bihotzean. Ez euskararen alde egiten duten lanagatik, ez. Euskaraz gozatzetik sortutako emozio bizigarriengatik. Horregatik baino ez. Eta ez da gutxi. Leku gutxitan gertatzen baita hori gurean, zoritxarrez. Izan ere, euskararen aldeko lan boluntarioa ere horrela irudikatu (nahi) dut. Allartean blogean honako hau esaten zuten: “Ekintza ludikoa boluntarioa da, sortzailea, librea... Elementu hauek desagertzen direnean sortzeko plazera ere desagertzen da. Hori da botereak lortzen duena... gure bizimodua deserotizatzea, eta horren aurrean suzedaneoak sortzen ditu (honi genitalismoa deitzen dio). Txepetxen teoriak sakondu nahi zituen mintegiak ere "adorez eta atseginez" izena hartu zuen. Euskararen aldeko militantzia halaxe aldarrikatu zuen Txepetxek: atseginean oinarritua, erotizantea”. BIHOTZA, BURUA, ESKUAK Lelo hori Irrien Lagunei ikasi nien. Sentitu, pentsatu, ekin leloa ere. Eta beste hainbat gauza, komunitate honen sukaldegintzan aipatzeko modukoak. Baina gauza batekin geratuko nintzen: pozarekin. Batez ere, poza transmititzen dute, alaitasuna, ilusioa, kemena, adorea, indarra, zuzentasuna. Koloreztatu gura dugun mundu zati honetan beharrezkoak dira ilusio katalizatzaileak. Eta horrela ikusten ditut nik pailazook. Eta nire moduan, beste askok. Baina, gainera, haren proiektuak sendoak dira. Oinarri eta zimendu gogorrak dituzte, sustrai sakon eta indartsuak. Baina, era berean, adar luze eta anitzak dituzte, munduari begira eta bestelako mundutxoei begira. Ai, zenbat irakaspen soziolinguistiko gure pailazoek! Txikira hordago hainbatetan egin ostean, hordago txiki horiekin gauza handiak lor daitezkeela erakutsi digute. Aupa Euskal Irria! BIZITASUN BIZIGARRIA (ORAIN ARTE BATZUEK BIZINDAR DEITZEN ZUTENA) Orain arte komunitate baten bizindar (zergatik ez bizitasun?) etnolinguistikoa neurtzeko ikerketa luze-luze bat egin behar zen: neurtu behar ziren faktore demografikoak, estatusa, sostengu ekonomiko zein politikoa, kultur faktoreak, bakoitzaren hautemateak eta usteak, … Antza denez, inkesta edo galdetegi bateria luze baten ordez, zenbait zantzu kontuan hartu eta bizitasun hori antzeman daiteke. Edo hori dio behintzat Joan Boix-Fuster soziolinguista katalanak: a) denda edo jatetxeetan zein da hizkuntza publikoa? “Nor da azkena? edo “¿quién es el/la último/a?” edo “C'est vous l@ dernier(e) arrivé(e)”? b) zein da etorri berriek lehen-lehenik adoptatzen duten hizkuntza? c) kaleetako publizitate kartelak eta mezuak zein hizkuntzatan daude? Haren ustez, ez da askoz datu gehiagorik behar. Bizitasunaren argazki sinplifikatua lortzen dugu horrela. BERRESKURATU DEZAGUN GURE KANTUA Txepetxen liburu mordoa irakurri dut. Txepetxi buruz ere mordoxka artikulu. Baina ez nuen aurrez aurre ezagutzen, neure moduan miretsi arren. Carballon (Galizia) bera ezagutzeko parada izan nuen. Haren hitzaldia entzun eta, ondoren, Marije Manterola eta biok bi orduko elkarrizketa egin genion. Sarritan gogoratzen dut egun hura. Erdia ere ez nion ulertu, mardulegia, sakonegia, trinkoegia izan zen neure adimen eskaserako. Gerora, apurka-apurka zentzua harrapatu diodala uste dut, kostata bada ere. Txepetxek berbaldia honela amaitu zuen: Gure kantua birsortu dezagun. Amets eginarazi diezaiogun banaka-banaka, pribatuan. Eta gero, bakoitzak bere eremutik Ikasarazi dezagun denok salbuespenik gabe, Edonori, diskriminaziorik gabe, Publikoan. Hor dago antza beste guztia ulertzeko gakoa. Berreskuratu dezagun gure kantua! ASTINDU GARUNA, LAGUNA Baliabide mugatuak ditugu eta ez du ematen aurrerantzean askoz baliabide gehiago izango dugunik. Beraz, bada garaia lehentasunak ezarri eta horien arabera jokatzen hasteko. Inteligentzia soziolinguistikoa erabiltzen hasteko garaia da. Lehentasuna zer? Bigarrentasuna zer? Hondarra zer? Sukalde aparatuak esango digu Jon Sarasuak. Supazterra esango nuke nik (gauza bera ez ote dira?). Komunitatea esango luke hark. Eta eskubideak beste horrek. Inteligentzia soziolinguistikoa ez da militarren inteligentzia. Oinarri teoriko sendoetatik eta mila begipuntuetatik abiatuta, ekimen, estrategia eta taktika egokiak gorpuztuko duen mugimenduraino, erakundeek eta norbanakook egin dezakeguna ahaztu barik. Erraza da formulatzen, gaitza egiten. Baina ez dugu beste erremediorik, asmatu behar dugu bai edo bai. Beraz, astindu garuna, laguna. ERROTONDA Errotondan sartu nintzen zapatuan, bueltak ematen hasi eta domeka eguerdira arte ez nintzen atera. Horrela azaltzen ditugu guk askotan asteburuetako parrandak eta kalenturak. Bide-talotik irten ezinik gabiltza lantzean behin, gero eta gutxiagotan egia esate aldera. Horrela irudikatzen dut nik askotan euskalgintza: biribilgunean sartu eta bueltak eman eta eman. Zorabiatu arte sarritan. Euren buruari berbaz askotan eta jendarteko kezketatik urruntxo ez gutxitan. Euskara teknikarion prestakuntza gero eta hobea da. Oinarrizko soziolinguistikatik abiatuta, sofistikazio maila altura heldu dela dio Iñaki Martinez de Lunak. Baina hori baino gehiago ere badio: Ez ote da gero eta handiagoa abangoardia eta herritar euskaldunen arteko tartea? Errotondatik, bide-talotik irten egin behar da batzuetan. Geure buruaz berba egitea zilegi da, geure buruaz arduratzea zilegi da. Baina gure asmoa jendartean aldaketak eragitea baldin bada, jendarte horren kezka, kexa, bizipen, sentimen eta abarrei adi-adi jarraitu behar diegu, nahi eta nahi ez. Errontodatik eta autotik irtenda, jakina. Plazetara joanda, jakina. ESTEATITA Gurean aspaldi bota zuen Jon Sarasuak amaren sua metafora, komunitate gisa gure iraupena irudikatzeko. Liburu honek piztu nahi duen sutondoak ere metafora horretatik edaten du. Groenlandian, inuiten artean, metafora horiekin gogoratu naiz. Inuit andreen lana zen esteatitako lanpara beti pizturik mantentzea euren etxeetan. Inoiz ezin zen amatatu. Amatatuz gero, oso ondorio latzak pairatuko lituzkeelako familia horrek giro hotz hartan. Lanpara barik, bizirautea kolokan zegoen. Lanpara barik, hotz hori jasango zuen inor ez dagoelako. Estetatitak bizitza zekarren, esteatitak irautea esan nahi zuen. Inuitak ere, gaur egun, historiaren errebuelta batean daude. 2020an lortuko ei dute independentzia. Gainera, modernotasunean sartu dira buru-belarri eta gutxi dira, oso gutxi. Hizkuntza mantentzearen garrantziaz kontzientzia dute. Akulturazioaren mamuei aurre egiteko biderik onena hizkuntza mantentzea baita. Esteatita lanpararen sua bizirik mantendu gura dute, kosta ahala kosta. Ez dadin amatatu! PANTERAK Pantera Beltzen alderdikoek uste zuten beltzak kantatu, dantzatu edo otoitz egiteko ez ezik beste gauza batzuetarako ere batu behar zirela. Elkarrekin amets egiteko esango zuen Sechu Sendek. Beltzak euren kontuez arduratzeko garaia heldu zela uste zuten panterek, euren geroa erabakitzeko garaia. Botere Beltzaren ordua zen (Black Power). Izan ere, talde bat jendarte ireki batean integratzeko behar-beharrezkoa da talde hori gehiago elkartzea, talde hori trinkotzea. Talde elkartasun hau ezinbestekoa dela esaten zuten panterek. Bestela, jendarte pluralista batean indarrarekin negoziatzeko modurik ez dagoelako. Eta, horretarako, berebiziko garrantzia du beltzek osatutako erakundeak martxan jartzea. Zuririk gabeko erakundeak. Beltzen patua gobernatzeko ezinbesteko baldintza. EGIN EZAZU ZUK (BEHAR DUZUNA) Do it yourself. Egin ezazu zuk. Punkaren izpiritu inkonformistenek botaka egiten zuten oihu praktika honekin. Zuk zeuk egin, zeure esku dago. Euskarazko musikagintzan mila eta bostehun taldek bat egin dute izpiritu honekin. Punk zaharrek, popero gazteek eta tximaluze errebeldeek. Mila eta bostehun. (Hala ere, egin dezagun guk izan beharko litzateke leloa, baina tira). Beste ekimen askok ere egin du bat izpiritu honekin mozkor: irrati libreek, fanzineek, gaztetxeek, interneteko blogek, kultur eragileek eta abar. Euskal Herriko azken 50 urteko historia ezin da ulertu printzipio hau barik. Esan bezala, milioika taldek bat egin du egin ezazu zuk horrekin. Baina ezin denak aipatu. Gure ustez izpiritu honek arrakasta biziz edan zuen taldeari egin nahi diogu jaramon: Negu Gorriak talde mitikoari. Egin ezazu zuk zeuk. Negukoek Esan Ozenki diskoetxea sortu zuten, baita Bertso Hop diskodenda ere. Eta 90eko hamarkadako euskarazko musika talde partidarik garrantzitsuenari leihoa ireki zioten: Anari, Anestesia, Bap! !, Danba, Dut, Sutagar, Deabruak Teilatuetan, Etsaiak, EH Sukarra, Lisabö, … Beti ere, euskaraz jardun duten taldeak. Euskalgintzan ere lorratz sakona utzi du praktika honek. Lehen ikastolek egin ezazu zuk leloa zeramaten itsatsita larruazalean, gau-eskolek, komunikabideek, argitaletxeek, … Baina 90eko hamarkadak mugimendu indartsu baten loratzea ikusi zuen. Euskara (edo euskaldunon) elkarteen mugimendua hain zuzen ere. Mugimendu euskaltzalean berebiziko garrantzia izan duen eta izango duen mugimendua. Egiteko modu berriak, jarduteko ideia berriak, eragiteko era berriak ekarri zituena (eta oraindik ere ekarri behar dituena). Arrasate izan zen lurrikara honen epizentroa. AED elkartea 1983an sortu zen eta Kike Amonarrizek eta Iñaki Arrutik diotenez, elkarte horrek “euskararen aldeko dinamika ez-alderdikoia egitea lortu zuen”. Elkarte horrek irekitako ildotik beste hainbat sortu dira (eta, zorionez, sortzen ari dira). Euskara elkarteek euskararen normalizazioa dute xede eta horretarako euskararen erabilera sustatzeko jarduerak egiten dituzte, beti ere euskaldunon hizkuntz komunitatea egituratuz. Elkarte hauek euskaldunok erdigunean jarri gaituzte, euskaldunontzako zerbitzuak sortuz (herri-komunikabideak, aisialdi programak, kultur jarduerak, berbalagunen mugimendua, …). Hau da, euskaldunontzat euskaldunok sortuta. Autogestio eredu ezin argiagoa. Guk geuk egina. Gainera, euskararen normalizazioa euskararen beharren ikuspegitik eraiki nahi izan dute, ez alderdien ikuspegitik. Hori dela eta, iritzi ezberdineko euskaltzaleak batzea lortu izan dute kasurik gehienetan. Azken finean, euskaldunok geure burua antolatzeko hartu dugun bideak dira euskara elkarteak. Guk hartu dugu gure hizkuntza aurrera eramateko hautua, hautu kontzientea, inori itxaron barik, inori zer egin behar dugun esaten utzi barik. Hau da, guk egin dugu behar izan duguna. Negu Gorriak taldekoek Radio Rahim kanta mitikoan oihukatzen zuten bezala: “Horrelakoa da bizitza, egin zazu behar duzuna”. TROLEBU Topagunean lan egiten nuenean Bizkaiko sustatzailea nintzen. Hori dela eta, Bizkaian zeuden euskara elkarte guztiekin batzarrak egin nituen. Denetarikoak ziren elkarteok eta mila bitxikeria kontatu ditzaket. Aulestikoa gogoratzen dut bereziki. Herri txikerra eta fierra dugu Aulesti, Bizkaiko arnasguneetako bat. Hango elkarteak Trolebu du izena. Helburu argia dute: aulestiarren bizi-kalitate kulturala duina izatea. Herri handiagoek daukatenaren pare, ahal den neurrian. Euskara elkarte baten lana arnasgunean zein izan behar duen eztabaidagai izan da sarritan. Nire ustez, ezin da euskarari begira bakarrik bizi elkarte bat honen moduko herrietan. Azpiegiturak, zerbitzuak, eskolak, … esk(ur)atu behar ditu: autobusa, eskola, azpiegitura minimoak, ume eta gazteentzako aisialdia, … Tokian tokiko mozkinek tokiko iraupena bermatzen dute. Bizi-kalitateak euskararen iraupenarekin zerikusia du. Ea behingoz ulertzen dugun. ZAPATO AZULE Kilometro batzuk harago, Ondarrura heltzen gara. Bizkaian arnasgunerik bada, Ondarru da nagusi. Han ere Aulestin legez euskararen garapena ezinbestez doa lotuta herriaren garapenarekin. Bizi-kalitate kontua, aizue. Herri dinamika zabala duen herria da Ondarru. Gaztetxea, irrati librea, orain gutxi arte Kafe antzokia, sortzaileak, antzerkizaleak, musikariak, … Eta berezko euskalki bizi eta bizigarria. Ekainero Radixu irratikoek zapato azule egiten dute. Jai horretan herria azulez bete ohi da, auzolanaren azulez. Herri baten bizitasuna neurtzeko modu ona izan ohi da haren jaiak behatzea. Eta Ondarru Zapato azulen bizi ari da parrandan. Eta, zeresanik ez, Marabilli sormen festibalean. Eurek esaten duten erara, herritxik sorturana baño ez ei de herrixana. Auiminyulinblu! Gili-gilixak etxestazuz hatzamartxukin ulin … ZERAIN DEZAGUN Zerain Goierri aldeko herri txikia da, 300 bat biztanle dituena. Euskaratik eta euskalduntasunetik abiatuta, herri proiektua jarri dute martxan azken urteotan herri txiker horretan. Mila aldiz hitz egiten du euskalgintzak herri txikiei buruz, arnasguneei buruz. Baina gutxitan (zergatik ote?) herri horien garapen ekonomikoaz (edo integralaz, nahiago bada). Eta nire ustez arnasguneak defendatzeko modurik onena euskara garapen ekonomikoarekin lotzea da. Hala uste dut behintzat. Iturri zaharretik eten gabe ur berria edan behar da. Bizi-kalitate duina (eta ez bakarrik ekonomikoa, baita kulturala ere) eskaini behar dute herri txikiek. Auzolanean jakina. AZKEN MOHIKANOAK Amurrion auzo asko daude, horien artean batzuk nortasun handikoak: Delika, Lezama edo Larinbe. Baina haien artean bada bat berezia dena: Baranbio. Baranbiok historikoki harreman handiak izan ditu Orozko herriarekin. Eta horrek nolabait azaldu dezake zergatik den Arabako Aiaraldean bertako euskara mantendu duen auzo bakarra. Edo ez. Baina … Gatozen harira. Baranbion ere familia-transmisioa eten egin zen. Euskara dakiten zaharrak egon badaude, nahikotxo gainera, baina euren seme-alabei transmititu ez. Azken mohikanoak. Kia. Belaiki izeneko elkartea badago Baranbion. Euskara elkarte txikia, herri txiki bati dagokiona. Txikia baina bizia. Komunitatea eraiki (edo berreraiki) beharrari oratu eta mohikanoak eta haren ondorengo “euskaldun berriak” harremanetan jarri. Txikitik txikira. Auzolaneko tradizioan eta komunitatea sortuz. Herri txiki baten partaide izateko harrotasunarekin. Belaiki eraiki. “Ez gira gu izanen azken mohikanoak” abesten zuen batek. Bada modurik azken mohikanoak eta mohikano berriak lotu eta komunitatea sortzen (eta birsortzen) jartzeko. Elkar ezagutu eta mesfidantzak alde batera baino ez dira utzi behar, ezta? Galdetu bestela Baranbioko lagunei ... SASKIBALOIA ALA FUTBOLA? Jokoa ala jolasa? Saskibaloia ala futbola? Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren blogean Julen Altubek honakoa idatzi zuen: Badute baloia, badute saskia (bi gainera) baina nekez elkartzen dira ordu berean, toki berean...ari dira...aritzen dira jaurtiketa libreak eginez, bakoitza bere aldetik, binaka, hirunaka inoiz... baina oso mugatuta daude...ase ezinik dabiltza, partida jokatu ezinik. Bitartean, patio berean, futbolean ari direnak, jokaldiak eginez ari dira, futbolzelaia gainezka...partida jokatzen ari dira. Hamaikako bi talde, ordezko eta guzti...batzuk ez direnean besteak, saskibaloi zaleak ere tartean...asko dira, nahikoa dira...ase betean dabiltza. Saskibaloiaren presentzia bada patioan, autozentratu horiei esker, baloia, jaurtiketak, kamisetak, mate ederren bat ere tarteko...baina gai balira elkarzentratu, baterazentratu eta partida antolatzeko...orduan, euren gogoa asebetetzeaz gainera, behar bada, futbolean ari direnek ere aintzat hartuko lituzkete. Futbol zelaikoei ere deigarri, baita agian erakargarri ere, egingo litzaizkieke ondoko zelaiko algara... barre... oihu... eztabaida... jokaldiak... eta sentituko lukete saskibaloian jokatzeko gogoa... edo badakitelako edo ikasi nahi dutelako. Hau da, baldin eta autozentratze hori batera samar egingo bagenu, autozentratzeaz gainera elkarzentratzen ahaleginduz, ez derrigorrez berdinzentratuta baina baldintza subjektiboetan oinarrituta (gogoa, borondatea, premia..), aldeko baldintza objektiboak (saskiak, baloia...) erabiliz eta komunitatearen antolaketari (antolaketa berria, berritzailea) garrantzia emanaz, hiztunok dugun arazoa hobeto bideratu eta eskaintza zabaltzeko aukera gehiago izango genituzke (proposamena). Horretarako, antolaketarako, futbol entrenatzaile ahozabalen eredua hartu beharrean, (izan genezake tentaziorik horretarako) ahal den neurrian, saskibaloi prestatzaile, elegante, umil, langile eta gaituen aukera hobetsiko nuke (intelligentsia, aitzindaritza gaitua). Gainera, futbolean ere badago horrelakorik, funtzionatzen du eredu horrek, munduko talderik onena omen den horren entrenatzaileari begiratu bestela. Ah, ez ditut aipatu saskiak kendu eta porteriak jarrita patio osoa futbolzelai bihurtu gura dutenak...edo bai...futbol entrenatzaile ahozabalak izan daitezke horiek... baina gure antolaketaz ari gara. Hortxe ikusten dut gakoa. Autozentratu, baterazentratu, elkarzentratu, ez derrigorrez berdinzentratu...hau guzti hau aro berrian?... Ba ote dago beste biderik? LAKU BAT MUNDUAN Arraunean ere posible da, ezta? Sustrai Colinak Herri Urrats baten ospakizunetarako idatzi zituen bertso hauek. Eta zarata Berri Txarrak taldeak. Laku bat munduan. Nor garen ez dakite baina nor gara gu, nortasun agirian gezur bat daukagu. Folklore kulturaren, gasna ta piperraren inperioan bufoi gabiltz. Zer litzake mundua lau-buru bat balitz? Ezin geldirik egon postaletarako, zaratatsuegiak museotarako... Ardi beltz zaurituak, labelez zurituak, ez gara diruz bazkatzen. Ez dugu izateko baimenik eskatzen. KITO MITO Baina zenbait gustatzen zaizkigu gure mito batzuk, zenbat agoniko agertzea, edo zahar. Eta zenbat besteek ikusten gaituzten eran agertu nahi. Juan Inazio Hartsuagak mitoak birrintzen (eta horretaz zerbait badaki) ibili zen Euskararen egoerari irizten liburuan. Horietako batzuk lapurtu eta moldatu dizkiogu: ● Kito arbasoekin. Hitz egin dezagun eteten ez den kateaz. Kanpotik etorritakoak ezin ditu hemengo arbasoak izan. Areago, hemengo arbasoen kontu horrek ez du bat ere laguntzen haren euskararekiko identifikazioa sendotzen. Baina eteten ez den katearen maila garrantzitsua izan daiteke zorioneko arbasoak bezalaxe eta arbasoon oinordekoak bezalaxe. Edo kate maila garrantzitsuago seguru asko oinordekoek azken honetan egiten duten ume kopuruari erreparatuz gero. ● Kito hizkuntza zaharrenaren kontuarekin. Ekaingo ehiztariek proto-euskaraz zihardutenean gainerako gizakiak ez ziren mutu. Garai hartako gizaki guztiek hitz egiten zuten. Eta gaur hitz egiten diren hizkuntza guztiak garai hartako hizkuntza batetik edo bestetik etorriak dira, eta ez geroztik asmatutakoak. Euskararen meritua ez da besteak baino zaharrago izatea (...). Euskara iraupen adibide paregabea da. Aspaldian Eurasian zabaldu eta nagusitu zen hizkuntza familia bateko oinordeko bakarra Europan. Hizkuntza indoeuropar hedazaleek inguraturik ia 3000 urtez bizirik irautea asmatu duen tradizio militar edo hedazalerik gabeko herri baten hizkuntza. (...) ● Baserriko eredua gainetik kendu ezinik gabiltza eta hori hizkuntza politikaren porrotaren adibide garbia da. 2009an Peru Abarka eta Maisu Juanen arabera gabiltza oraindik. Tolosako ikastolan umeren batek euskara egoki eta bizi erabiltzen duenean kaxerito deitzen diote. CREATIVE COMMONS Software librea erabili, kopiatu, aztertu, moldatu eta banatu daitezkeen programek osatzen dute. Bakoitzak komunitatearen esku uzten du egindako lana, komunitate horrek hobetu edo aldatu dezan. Funtsa hori baino ez da. Gogoratzen dut euskarazko softwareari buruz berba egiten hasi zenean, batzuek librea defendatzen zutela eta beste batzuek jabetzapekoa. Bi horien artean zeinek izan behar zuen lehentasuna euskaldunon komunitatearen gerorako? Hasiera batean, nik ez nuen oso argi. Alde batetik, diru publikoa ondo bideratu behar zen, ordaindu ondoren berrerabili ahal izateko gauza berriak sortzeko. Baina, beste alde batetik, egunerokoan jabetzapeko softwareak zeukan erabateko nagusitasuna eta erabiltzaile arruntengana heltzeko ere interesgarria izan zitekeen hori ere euskarara ekartzea. Urteak pasa dira, eta zalantzek bere horretan diraute. Edo ez. Gero eta argiago daukat interneteko komunitate euskaldunaren lehentasuna ez datzala azalean horrenbeste, ez datzala tresna hau edo hura euskaraz izatean. Garrantzitsua da, jakina. Baina lehentasuna, nire ustez, edukien sorkuntzak du. Eta, edukien sorkuntza horretan, gero eta garrantzi handiagoa du eduki libreak sortzeak. Eta horrek bisibilitatea ekarri digu interneten. Eta horrek ahalbidetuko du enpresa handiek euren produktuak ere euskaraz lokalizatzea. Eta horrek ahalbidetuko du auzolanaren bidez programa eta eduki berriak euskaraz izatea. Eta horrek jakintza askearen sorkuntzan aurrerapausoak ekarri ditu. Eta horrek ... KOMUNALA Euskal Herrian mendi komunalak nagusi izan dira hainbat eskualdetan. Gaur egun ere batzuetan hala da. Baina XXI. mendean beste ondasun batzuk ere komunal bihurtu dira, eta etengabe bihurtzen ari dira. Askatasunari beldurra badiogu ere, gero eta gehiago dira liberatutako kantuak, liberatutako liburuak, liberatutako argazkiak, liberatutako jakintza. Izan ere, hizkuntza hori baino ez da: belaunez belaun eta mendez mende pilatutako eta liberatutako jakintza askea. Eta guri dagokigu jabetza pribaturik ez onartzea hiztunen komunitateetan, eta are gutxiago hiztun komunitate gutxiagotuetan. Jabego komunalak eta jakintza askeak izango dira gure geroaren parte, edo akaso gerorik ez dugu izango. Izan ere, Kultura Saila gorrotatu baino, kultur sailburu bihurtzeko deia egiten digu komunalak, egiten digu etorkizunak. MUINA Liburu interesgarri asko dago euskararen geroari buruz. Gai horrez gain beste batzuk jorratzen dituen arren, Jon Sarasuaren Ertzeko zatiak liburuak hausnarketa txiki bezain mamitsuak ditu euskararen geroari buruz. Honako hau adibide: “Barrutik kanpora. Barrutik kanpora. Bi aldiz idatzi dut, handi sentitu dudalako azpimarratu beharra. Muina behar da sendotu, ezer sendotu behar bada, eta hortik sortzen dira merezi duten proiektuak. Dela talde, elkarte, ikertegi, fakultate, mugimendu, edo hizkuntza komunitate. Muina osatu, eta hortik indartzen da egitura, edo erlatibizatzen egituraren forma. Muina elikatu, eta horrek bihurtzen gaitu indartsu edozeren aurrean”. HEGEMONIA Liburu beraren beste ertz batean honakoa jaurtitzen du Jon Sarasuak: “Hegemonia espaziorik gabe hizkuntzak ezin direla garatu jaurti diet. Espazio jakin batzuetako bilinguismoa handiak txikia jateko modua dela, ez dutela funtzionatzen egunkari eta aldizkari ustez elebidunek, eskola planteamendu ustez elebidunek. Norbanakoa izan litekeela elebidun edo eleaniztun, baina gune jakin bati, familia bati, erakundetxo bati, aldizkari bati, eskola bati, gehienetan hizkuntza baten hegemonian ardaztea dagokiola, handik eleaniztasunera irekitzeko. Espazio horiek izan ezean, hizkuntzak ez duela garatzen jarraitzeko aukerarik eta arrazoirik”. GOTZON GARATE Gurean altxor bilatzaile asko izan ditugu: Azkue jauna, Barandiaran, Mokoroa eta abar. Gotzon Garate ere horretan aritu izan zen urteetan eta urteetan. Euskal lurraldeetako txoko guztiak miatu, hizkera bizia batu eta gero denon eskuetan jarri. Halaxe ibili zen baserririk baserri, gure geografian gora eta behera. Galderak egiten, jakintsuek egin ohi duten eran. 15.000 atsotitz batu zituen, 30 urtetan, urteko 500. Euskal sena ulertzeko ezinbesteko eskuliburua osatzen dute: folklorea, antzinako usteak, gaitzak sendatzeko otoitzak, sorginkeriak, jaiak, ipuinak, mitologia aztarnak, familia, erlijioa, filosofia, ohiturak, animaliei buruzko aipamenak, ezizenak, … Deriokook berari esker jakin izan dugu antzina derioztarrei tximintx deitzen zitzaiela. Eta horri esker gaur Derion euskararen biziberritzearen alde gehien egiten duen elkartea ere Tximintx deitzen da. Non da nire altxorra, han da nire zangoa. HILERRI, HILARRI Galiziako aldeko lagun handi bat hilerririk hilerri ibili ohi da, hilarriak hilarri. Galizieraz idatzita dauden hilarriak ikusmiran. Soziolinguistika nekrofilikoa egiten dutela diote, baina ez da hori edo, hobeto esanda, hori baino gehiago da. Burela aldean abiatu zuten interbentzio hau. Mutur-muturreko egoeretarako balio duen ereduaz ari gara, Burela ereduaz: oinarritik abiatu eta jendarte-sarea trinkotu. Izan ere, Bernardo Penabade ez dabil hilen bila, bizirik daudenen bila baizik. Hilarriak idatzi dituztenen bila, hain zuzen ere. Haren esanen arabera, dena kontra izanda galizieraz hilarria idatzi duen hori galizieraren aldeko ekintzailea izan behar da, bai ala bai. Eta herririk herri dabil galizieraren ekintzaile horiek biltzen, bilatzen, bilakatzen. Jendarte sareak osatu ahal izateko. Hilarrietan, ezkontza-agirietan, etxepeko komunitateen aktak, merkataritza iragarkietan, errotuluetan … altxor-bilatzailea dugu gure Bernardo ere. Hilarrietatik hasita komunitatea trinkoago egin. Batzuek gailurrera heldu nahi dute mendi magaletik pasatu barik. Fede itsua dute administrazioan, legeetan, goi mailako funtzioetan, … Ni ez naiz izango horien eraginkortasuna zalantzan jarriko duena. Baina … gurean egunez egunekoak ere garrantzia itzela du. Domestikoa zein pedestrea deitu, eguneroko soziolinguistika dugu beharrezko, dugu ezinbesteko. Zorionez, askatasun eremu polita dugu hiztunok gure zokoetako bizitzan. KANPOSANTUAK Kanpoan egiten dena gurera ekartzea ere gustatzen zaigu. Horregatik, Eider eta biok Bernardoren lekukoa hartuta Txorierriko bost kanposantu ere behatu genituen euskarazko hilarrien bila: Sondika, Derio, Zamudio, Lezama eta Larrabetzuko kanposantuetan ibili ginen kamara eta koadernoa eskuan. Emaitzek harritu gintuzten. Han galiziera baino gehiago erabiltzen da gurean euskara hilarrietan. Dezente gehiago. Arrazoiak hainbat izan daitezke, baina ez dut uste hau horretarako foroa denik. Baina beste gauza batzuek ere harritu gintuzten. Herririk herri aldeak bazeuden. Deriok dauka herri horien artean euskaldunen ehunekorik txikiena, baina hango kanposantua hirugarrena da euskarazko hilarrietan, Zamudio eta Sondikaren aurretik. Horrek bai harritu gintuela. Aztertu genituen hipotesi batzuk, marraztu genituen hobeto esanda. Honakoak ziren hipotesiok, labur antzean: - Derion Sondikan eta Zamudion baino etorkin gehiago dago eta baliteke hango batzuk euren herrietan lurperaturik egotea (hala ere, Derion Sondikan eta Zamudion baino hilarri gehiago dago euskaraz, kopurutan antzera ibili arren). - Komunitate euskalduna trinkotuago dago Derion beste bi herri horietan baino. Ez dut hori baieztatzen duen daturik, baina harrigarria da nola Derioko komunitate euskaldun txikiak eutsi dio kanposantuan ere erabilerari (izan daiteke beste komunitatearengandik ezberdintzeko modua, kontra egiteko modua? ). - Euskararen aldeko mugimenduak erro sakonak ditu Derion. Eta, batez ere, erro sakonak ditu kanposantuekin harreman handia duen elizan. Derion abade euskaltzale eta euskaldunak izan dira, katekesiaren bidez lan handia egin da, Kili-kili ere aritu zen bere garaian umeak alfabetatzen eta abar. Beste herrietan baino euskaltzaleagoa izan da elizaren inguruko mugimendua Derion. Horrek eragina al du? Eta izatekotan, zenbateko eragina? Batek daki ... PAMPLONA-GASTEIZ Pamplonan bizi dira batzuk eta Vitorian beste batzuk. Beste batzuei, ordea, Gasteiz eta Vitorian bizitzea suertatu zaie, beste batzuei Iruñea eta Pamplonan. Eta beste hainbat herri eta hiritan berdin (Baiona, Santurtzi, Lasarte, Maule edo Altsasun). Behin irakurri nion Imanol Minerri haren herriko euskara elkartearen helburua zela Errenteriako Euskal Herria eraikitzea, Errenteriako euskararen herria eraikitzea hain zuzen ere. Pamplonako Euskal Herria eraikitzea, Iruñea eraikitzea, Gasteiz eraikitzea. Bilbo eraikitzea. GATIBU VS. KEN ZAZPI Bi musika talde, biak gernikarrak, adin bertsukoak, arrakasta handikoak biak ala biak. Musika aldeko ezberdintasunak alde batera utzita, letretan dute bi hauek aldea. Gaiak ezberdinak izan arren, lehen kolpean behintzat gai horiek emateko modua izan ohi da deigarriena. Gatibuk etxeko euskara darabil euren kantuetan. Etxeko euskara bizi eta bizigarria, mendebaldeko doinu eta soinuagaz. Ken Zazpikoek, ordea, euskara batuaz dihardute, estandarraz. Eta biek arrakasta itzela dute, eta ez bakarrik musikagatik. Letrengatik ere bai. Euskararen erabilera ulertzeko bi modu, biak onartzeko modukoak, biak publikoaren harrera onarekin. Agian, izenburuko versus hori kendu beharko nuke … BELTZA IS BLACK Baxuak topera egiten du burrunba, bihotzak egiten dizu dar-dar, belarriek eztanda egin behar dute zartakoekin, mugimendu bizia irratitzarrean, erremix eta nahasketak, erremixaren kultura. Eskretx basatiek inarrosi egiten dizkizute barrunbeak, hitzaren magiak tupust egiten dizu tripan. Hip-hopa saltoka, grafittiek orroka, break-a zilipurdika. Etsai Publikoak agirika egiten dizu txarraka-txarraka, ghettoaren errimek bizkortzen dizute taupada. Errimagintzaren hitz jarioak sutan jartzen du mikroa, beat-aren danbatekoak apurtzen dizu burmuina. Komunitatearen ahotsa, beltzen CNN-a, martxan jarri zen, estetika eta etika batuz. Etsai Publiko izena jarri zioten euren buruari, Public Enemy. Hip-hop-a infernura eraman zuten, boterea borrokatu eta zarata ekarri. Black is beatiful. Berriz ere, abangoardia artistikoa eta komunitatearen defentsa bat eginik. Kasualitatea ote? MEDEAK “Genero-ariketak” liburua irakurri dut. Mamitsu dator eta niretzat berritzaile. Irakurtzen ari nintzela Medeak izeneko taldeak idatzitako testu honekin egin dut topo. Eta euskalgintzarekin oroitu egin naiz (eta ez dakit zergatik! ): (...) Mugimendu Feminista, 80. hamarkadan sortutako talde eta eragileen baturatzat hartzen da. Oro har, talde horiek asanblada-egitura batekin funtzionatzen dute. Uste da, edo pentsatzen da, mugimendu hori instituzioetako feminismotik at dagoela, eta izaera ematen dien lan ildo batzuk dituela; hala nola, abortua, indarkeria sexista, parte-hartze politikoa, … Baina, ordea, bada instituzioetako feminismoaren eta Mugimendu Feministaren arteko harremana. Kasu batzuetan, gainera, urteekin ahuldutako mugimendu feministak instituzioetako feminismoari utzi dio mugimenduaren ardura. Eduki eta gai batzuek instituzioetan haien lekua izan dezaten lortu du Mugimendu Feminista Klasikoak (oro har, legeen bidez). Ez dugu ukatzen lan egiteko esparru bat izan daitekeenik, baina argi dago ia ezinezkoa dela ahalegin horiek mugimenduan eraginik izatea, edo mugimendua aberastea. Era berean, ia ezinezkoa da instituzioetan aritzeak mugimenduan eztabaida eta eduki berriak sorraraztea, kontrara, gure ustez; ikusezintasuna dakar, eta taldeak erretzea eta nekatzea, edukiak agortzeaz eta indargabetzeaz gain. Badakigu instituzioetako feminismotik ezer gutxi espero dezakegula, nahiz ez dugun bere funtzioa ukatzen eta estrategikoa izan ez daitekeenik uste. (...) Uste dugu “instituzioak bai ala ez” afera oso konplexua dela. Gauza interesgarriak egin daitezke instituzioekin. Gainera, justizia eta etika feministari dagokion zerbait da errekurtso publikoak banatzea. Ez dugu arazorik halakoetan parte hartzeko. Baina hori ezin liteke izan dena, ezin liteke izan azken helburua. Gure instituzioekiko parte-hartzea puntuala da, eta betiere gure taldeko interesak kontuan hartuz eta aliantza feministetatik lan eginez. Arriskutsua iruditzen zaigu talde feminista baten praktika politikoak instituzioetan sistematizatzea. AMURIZA Bertsolaria jaio edo egin egiten da? Xabier Amurizak argi zuen erantzuna: egin egiten da. Baina bere garaian korrontez kontra zihoan. Gehienek uste zuten bertsolariak berezkotik zuela eta ez ikastetik. Baina erratu egin ziren gehienak eta Amurizak arrazoi. Bertso-eskolak sortu ziren haren eraginpean. Han eta hemen. Eta bertsolaritza bera eraberritu, modernizatu eta gaur egun dagoen tokira eraman du eragin horrek. Eragin bolada horrek hobe esanda. Autoeraketa, auzolana, sormena, berrikuntza, tradizioa, … Eta ekarpen esanguratsua egiten diote euskaldunon komunitatearen erreprodukzio moduari. Xabi Paya bertsolari algortarraren berbetan, erdalguneetan normalizaziorako ekimen iraunkorragoak dira bertso-eskolak euskaltegiak baino. Eta, gainera, bertsoekin ondo pasatzen dugu, eta batzutan negar egiten dugu eta beste batzutan madarikatu. Eta bertsolariek hizkuntza bihurritzen dute, hizkuntza zangotrabatu, hizkuntza lardaskatu, hizkuntza trauskildu, hizkuntza plastilina bihurtu. Jon Sarasuak honakoa dio: “Bertsozale elkarteak, adibidez, espiral-ikuspegian jardun du hogei urteotan. Intuitiboki, ez argitasun berezi bati esker. Muina du landu, eta barrutik kanpora zabaldu du ekimena. Pentsamendu elementu propioak, berauen inguruko adiskide-trinkotzea, norabiderako “noraguneak”, profesional eta borondatezko sareen osaketa zaindua, bertsozalego muinekoaren erakarmena, euskal komunitatearen geruzetan proiekzio mailakatu eta, azken adar zabalenean, nazioartekotasun propio baten irekidura. Muina etengabe mimatuz. Barrutik kanpora”. Eta, gainera, pozoia dute buztanean. Eta, gainera, lau urterik behin meza nagusia izaten da. AMETSEN PRODUKZIO SOZIALA Ametsak sortzeko fabrikak dira giza-eboluzioaren hurrengo urratsa. Edo hori dio Sechu Sendek behintzat: Oinak lurrean ibiltzen da nire itzala. Badakizu, errealitateak fikzioa gainditzen du. Esaten dute Galizian behe-lainotik zehar begiratu ahal dugula, eta ostadarrari dei egiten badakigula. Berba egiten dut zurekin, eta zurekin, eta olerki honetatik pasatzen denari agur egiten diot. Etorkizuneko fonotekan gordetzen ditut ametsen soinuak: hitzak, adierazpenak eta haizea. Gertatzen ari dena irudikatzea ezinezkoa zen, esan genuen. Hau irudikatzea ezinezkoa zen, esango dugu. Ez dakit, esaten dute akaso gure ametsen zati proportzional bat bete daitekeela, baldin eta elkarrekin amets egiten badugu. Aldi berean amets egiteko argibideak behar ditugu, deialdi bat aldi berean eta batera amets egiteko, ametsen produkzio sozialerako metodo bat. Labanak kate-produkzioan egiten baditugu, zergatik ez Askatasuna? Gizakiaren eboluzioan hurrengo pausoa da. Eta lortu egingo dugu elkarri begietara begiratuz. (ERRE)PRODUKZIOA Lagunartean kulturgintzari buruz ari ginen berbaz, mingainak zorrotz. Hau eta hura larrutuz, hori eta beste laudatuz. Eta bat-batean galdera batek mailukada eman zidan buru erdian: Zer da lehentasunezko: produkzioa ala erreprodukzioa? Tranpa dela erantzun nion neure buruari, ez konbentzimendu handiz. Izan ere, produkzio barik erreprodukzioa posible al da? Eta hala da. Produkzio barik, erreprodukzioa ezinezkoa da. Baina … hari horretatik tiraka bestelako matazak ezin dira askatu. Produkzio handia dugu gurean: musika, literatura, antzerkia, bertsoak, … Erreprodukzio bide batzuk ere baditugu, baina nire ustez desoreka nabarmena da, argiegia da. Eta erreprodukzio bide eta kanaletan indarra jarri behar ez ote dugun jarraitu nuen neure burua estutzen denbora batez. Eta Anarirekin gogoratu nintzen: “Eskerrak ahulak garen!” AUPA MAURIZIA! Aupa Maurizia! Bere burua adoretzen zuen horrela Maurizia Aldaiturriaga panderojole bizkaitarrak. Lehen emakume punkia izan zen Maurizia, haren biografoen iritziz. Modu basatian kantatzen zuen eta gorputzetik energia asko zerion. Tradizioa berritu zuen eta, gainera, gizonezkoentzako erreserbatutako lekua okupatu: plaza. Bere kabuz ikasi zituen ikasi beharrekoak plazan aritzeko. Maurizia Aldaiturriaga lakoak behar ditu gure komunitateak etorkizunean. Indarrez beteta Aupa Maurizia! oihua berrituko duten emakume ausartak. Gure tradizio zaharrenak berrituko dituzten mingain berriak (erroak ahaztu barik). Zaharrengandik ikasi genuen bezala, gazteagoetatik ere ikasi nahi dugulako: Aupa Maurizia! GOGOKO DUDAN HIZKUNTZA Ez dut nahi idazleen hizkuntza, mekanikari, tabernari, dendari, mediku, epaile edo arrantzaleena gurago, kazetari, musikari, igeltsero, trabesti, futbolari, taxilari edo laborarien hizkuntza. Ez dut nahi irakasleen hizkuntza, ikasleena baizik. Ez dut nahi historia duen hizkuntza, geroa duena baizik. Ez dut nahi hizkuntza errituala, ez birtuala ez ideala, erreala baizik. Ez dut nahi hizkuntza gozo, azukreduna, gatza eta piperra duena baizik. Ez dut nahi letretako hizkuntza, gurago zientziatakoa. Ez dut nahi izpirituen hizkuntza, gorputzena baizik. Ez dut nahi erotismoz beteriko hizkuntza, sexuz beterikoa baizik. Ez dut nahi lorategiko hizkuntza, gurago basokoa. Ez dut nahi folk hizkuntza, gurago punk-a. Ez dut nahi hizkuntza garbia, askoz gurago zikina, potxingo guztietan plisti-plasta arituko dena. Ez dut nahi hizkuntza domestikoa, kanpoan gurago. Ez dut nahi jesarrita dagoen hizkuntza, dantzan egiten duena baizik. Ez dut nahi erdi-hizkuntza, osoa gurago. Ez dut nahi gure hizkuntza, guztien hizkuntza baizik. Ez dut nahi igandetako hizkuntza, egunerokoa baizik. Ez dut jaso nahi, eman nahi dut. Ez dut nahi liburuetan, kontratuetan gurago. Ez dut nahi naturako hizkuntza, fabriketakoa gurago. Ez dut nahi diplomarik, podiuma gurago. Ez dut nahi txakurrik, behiak baizik. Ez dut nahi hizkuntza santurik. Nahi dut hizkuntza eskalatzailea, txirrindularia, surflaria. Ez dut nahi salbuespena, araua baizik. Edo zer demontre arau-haustea gurago. Festakoa nahi dut. Ez dut nahi handia, ez dut nahi ama, laguna baizik. Edo etsaia, zer demontre. Gure arerioen ahotan nahi dut, google eta yahoo-n ere. Ez dut nahi hizkuntza geldirik, ez geldorik. Martxan nahi dut, eskutik eskura eta ahotik belarrira. MADE IN GALIZA Bati irakurri nion behin itzultzailea kulturen arteko mediuma zela; beste bati itzultzailea kulturen arteko chamana zela. Eta hirugarren bati itzultzea maitasun ekintza bat dela, maite dena itzultzen dela alegia. Made in Galiza liburua euskarara ekartzeko arrazoien gainean behin baino gehiagotan galdetu didate. Eta inoiz ez dut jakin behar den moduan erantzuten. Hainbat gauza daude tartean, maitasuna, kulturen arteko zubigintza lana (chaman edo mediuma berba potoloegiak dira), erronka pertsonala, liburuarekin eta tonuarekin bat egitea, … Denak izan daitezke arrazoi eta, hala ere, denak hankamotz. Denak batera izango lirateke arrazoi, ez bakoitza banaka hartuta. Eta, gainera, nire ustez gaur egun euskal literatura onena itzulpena da. Eta nik galizierazko aletxo bat utzi nahi nuen jainkosen olinpo horretan. WU MING Noiz hasi ote zen dena? Luther Blisset kolektibo gogoangarriarekin. Komunikazioaren eta artearen gerrilla post-modernoa osatu nahi izan zuten, jendartean mito eta kosmobisio berriak sortzeko. Kolektibo horren errautsetatik sortu zen Wu Ming (txineraz izenik gabe esan gura du). Bost idazle italiar batu eta literatur obrak kolektiboki argitara eman izan dituzte. Nor den nor inporta barik, norgehiagoka ibili barik. Sormenaren bidez lotura komunitarioek izan duten eta duten sustraiak arakatu nahi dituzte. Atzera begiratuz, fikzioa erabiliz, baina gerorako zutabe sakonak ipintzeko asmoarekin. Ai, zenbat irakaspen italiar hauengandik! MARITXU KAJOI Lehengo jai jentilen gainean erlijio sekta nagusiak bereak ezarri zituen. Gehienetan egun berdinetan: hor daukagu adibidez Eguberri eguna, San Juan eta beste hainbat. Azken urteotan, gurean ere jai jentil berriak sortzen ari dira. Euren artean, kasurako, Arrasateko Maritxu Kajoi. Baina beste hainbat sortu dira euskararen inguruan: Ibilaldia, Nafarroa Oinez, Herri Urrats, Korrika eta abar. Jai jentil berriak. Iñaki Martinez de Lunak aztertu du euskararen presentzia komunikabideetan. Eta, beste emaitza batzuen artean, jaia eta aldarrikapenari buruz hainbat albiste agertzen direla esan. Eta horiek guztiak baikorrak dira. Baina albiste hauek premia sozial nagusietatik lekutan dauden kontuak dira eta, beraz, eraginkortasun sozial apalekoak. GARTXOT Kosmobisioaren eraikuntza horretan euskaldunok pauso asko eman ditugu azken urteotan: Olentzeroa dela, bertsolaritza dela, literatura dela, … Kosmobisio horren eraikuntzan ere Gartxot filma dugu mugarri, nire ustez. Batez ere, Xune pertsonaia. Xune ile morea duen neskatxa bat da, mendira elur artean igotzen dena aker beltz baten gainean. Berak ez dio iraganari kantatzen, orainari baizik. Etorkizuneko kantuen eta berben oihartzuna darama berekin. Gure iraganerako geroa bilatzen, Txepetxek esango zuen modura. Gartxot, gainera, munduko hizkuntza gutxituetara itzuli da: galizierara, bretoierara, kurduerara eta beste hainbatetara. Gartxotek underground kulturatik munduko mailako kosmobisio edo imaginarioa sortu gura izan du, imaginario sortzailea beti ere. Gainera, oso ondo jositako istorioa dakar filmak. Behetik gorakoa eta goitik beherakoa. Kili-kili egiten digu bihotzean filmak. Negarra eragin ere batzuetan. Transmisioaz egiten du berba, iraupenaz, galeraz, deskonkistaz, konkistaz, … Imaginario kolektibo berrirako harritxo bat. Izan ere, bermeotarrek esaten duten modura: Ez pentsa gauzek kanbixe eingo dizenik beti betikue eitzen bazun. Biba Xune! KOSMOBISIOA Imaxinario social berba bikotea lehendabizi Galizian entzun nuen. Garai hartan deigarri egin zitzaidan eurek horri ematen zioten garrantzia. Guk gurean diskurtsoari ematen diogun beste, bide batez esanda. Geroago kosmobisio hitza entzun nion Lorea Agirreri hitzaldi batean. Kapital identitarioa ere izan da deigarri egin zaidan beste bat. Berba hauek totem modukoak dira, nire ustez. Zer ulertzen dugu diskurtsoa esaten dugunean? Eta imaxinario social aditutakoan? Jendartea eragitea dugu helburu han eta hemen. Jendartean gure aldeko iritziak sortu eta kontrakoak deuseztatu. Horretarako, hainbat berba erabili arren, gure praktika zabaldu nahi dugu, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik. Guretzat desiragarriak diren praktikak zabaldu nahi ditugu, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik. Berbak mozorrotu ala ez, horren bila gabiltza etengabe. AZKEN TXIRIKORDA Handik hona ibili gara lerrootan, goitik behera batzuetan eta behetik gora gehienetan. Utopiatik errealitate gordinera eta ametsetatik infernura. Umoretsu bezain triste. Sutondoko kontuak txirikordatzen, josi eta jostatzen. Hasi eta ez buka. Ez naiz saiatu magoen antzera disimulatzen. Magoek esaten dute, eskuak zenbat eta gehiago mugitu, orduan eta aukera gutxiago trikimailua harrapatzeko. Uste dut ez naizela ibili magoen antzera, disimulu barik etxeko sutondoko lapikoak ere erakutsi egin ditut. Txatalez egindako mosaikoa dira lerro hauek. Soziolinguistikaren erpinetatik edan, digeritu eta zuei botatakoak. Egunerokoari garrantzia ematen, egin dezakeguntxoari arreta jartzen, aldatu ahal duguna bistarazten, herren gauden arloak esan eta hobetzen saiatzen, behetik gora. Domestiko-domestiko. Supazterra legez. Sutondoan batzen jarraituko dugu, supazterrera arrimatzen, su berriak pizten eta su zaharrak mantentzen. Sutondoan alai. AURKIBIDEA SUTONDOAN BATU SUTONDORA AEROPONIKOAK BERREGINTZA BAINA ZER EUSKARA GURA DUGU? KALITATEA HIZKUNTZA DA ERABILERAREKIN ZORROZTEN DEN TRESNA BAKARRA KAMUSTU (S)(L)ORTU ARMAIRUTIK ATERA MATUSALEN SINDROMEA AITITEAREN INTSUMISIOAK KANPOKO POLIZIA EUSKARAK PORRO USAINA DU EKOLOGIKOAGOA SUBSIDIARIOA KAIXO MAITIA HASARRATZEN GARENIEN ... EUSKARAREN EGUNAK HIZKUNTZA ETA ZU EMAITZAK: GERO ETA GEHIAGO ERABILI, GERO ETA GUTXIAGO ESATEKO TABERNETAKO FILOSOFIA JABETU GAITEZEN LEHENTASUN KONTUA AHOA BETE SEXU EUSKARA IRAKASLEAREN DEKALOGOA BIGARREN MAILAKOAK NIAGO ESTU-ESTU NAPARTHEID GAZTEAK ETA EUSKARA MOTIBATU OREOAK SUSEDIDOAK DERIOZTARROK BOST KONTINENTEETAN ESPRINTA ALA MARATOIA? AURREIRITZI SALDA KONPLEXUA DA ESTEREOTIPOAK HEIDIREN EUSKALTEGIA KIBUTZ EUSKALDUNA SOKA ERREBELDEAK KONPASAREN TEORIA IZENAK ETA IZANAK ABIZENKERIAK NI BARIK, GU MISTERIOAK EGIN KONTU GURE ARTEKO AZKENA TRIGLOSIA ZER DAUKAGU EUSKALDUNOK ESPORTATZEKO? JARRAITU ETA IREKI ARASÁN ORHIPEAN DEKRETUAK QUILOMBO PALATAN GATZAREN ARDURA HARTU MINTZA EGUNA KOMUNITATE BI (EDO HIRU) IKERTU MAKULUAK ANTZOKIA BIHOTZA, BURUA, ESKUAK BIZITASUN BIZIGARRIA (ORAIN ARTE BATZUEK BIZINDAR DEITZEN ZUTENA) BERRESKURATU DEZAGUN GURE KANTUA ASTINDU GARUNA, LAGUNA ERROTONDA ESTEATITA PANTERAK EGIN EZAZU ZUK (BEHAR DUZUNA) TROLEBU ZAPATO AZULE ZERAIN DEZAGUN AZKEN MOHIKANOAK SASKIBALOIA ALA FUTBOLA? LAKU BAT MUNDUAN KITO MITO CREATIVE COMMONS KOMUNALA MUINA HEGEMONIA GOTZON GARATE HILERRI, HILARRI KANPOSANTUAK PAMPLONA-GASTEIZ GATIBU VS. KEN ZAZPI BELTZA IS BLACK MEDEAK AMURIZA AMETSEN PRODUKZIO SOZIALA (ERRE)PRODUKZIOA AUPA MAURIZIA! GOGOKO DUDAN HIZKUNTZA MADE IN GALIZA WU MING MARITXU KAJOI GARTXOT KOSMOBISIOA AZKEN TXIRIKORDA
booktegi.eus Onddoak, ondo? EDU ZABALA Azala eta marrazkiak: Maddi Zabala Eskerrak Josu lagun onddozaleari, eta besarkada handi bat Euskal Herriko ortzian gu denok zaintzen eta hodeiak marrazki bihurtzen ibiliko den Mikel apartari. Adiorik ez, lagun. AURKIBIDEA CORDYCEPS MILITARIS TRICHOLOMA PORTENTOSUM PHALLUS IMPUDICUS CLITOCYBE COSTATA HONGO NAVARRENSIS CORDYCEPS MILITARIS Euskal Herri sakonean gaude, Oiartzungo lurretan, ni neu German, nire lagun basozaina Joxemiel eta bere “ranrover” mitikoa, Santana horietakoa, ia-ia Jurasikoaren garaietakoa baina Joxemielek dioen bezala, inoiz pulamentuzko ezusterik eman ez diona. Gizon gaztea da, ausarta, eskaladan ibilitakoa, baserritar jatorrikoa, tradizionala hainbat gauzatan, horra hor, “kuatroporkuatro” zaharkitu horrekiko mirespena eta erabat berritzailea beste hainbat arlotan: GPS-a ez dik ba erosi aurten onddoetara Soria aldera joateko? Halakorik! Ni neu German nauzue, irakaslea onddoez eta perretxikoez pitorik ez dakiena. Beno, pitorik ez, supermerkatuetan badakit bereizten azpil barruan datozenak, garbi baino garbiago jartzen baitu bertan izena eta guzti, baina Joxemielen basozain lanak direla eta, aurten baietz, aurten hasi behar garela onddoetan, eta berak ezagutzen dituela pare bat aditu edo, eta baduela kako, “gantxo” bat, eta hura mugitzen hasten denean, guk ere gauza bera egin behar dugula Soriako lurretan. Hura izango da kolpearen unea, onddoen kolpea alegia, eta hasia da aurrera eta atzera dagoeneko, delako kako ezagunari mingainetik tiraka. – Hi Joxemiel, jakin ezak nik putaidearik ez daukadala onddoez. – Lasai egon hadi! Oraintxe bertan ezagutuko duk Oiartzungo onddo-txakurrik hoberena eta. Horrek dik usaina, horrek! Kiloka ekartzen dizkik onddo beltzak eta onddo-arrautzak, badakik, “Amanita cesarea” izenekoak. – Nik zer kristo jakingo diat, Amanita edo Amazutaz horiek zein diren! Ez ezak izen arrarorik bota Joxemiel! – Bai gizona, errazak dituk antzemateko. Hasieran arrautza bat bezala bilduta zeudek eta gero gorringo kolorea hartu ahala, txapela irekitzen joaten dituk. Eta ba al dakik zergatik daukaten cesarea izena? – Arranopola! Hik nola egin dezakek hainbeste gauza batera? Trastu hau gidatu, bide bazterrera erori gabe, zigarroa erre, etenik gabe onddoez hitz egin eta tarteka hire emaztearen mezu galduak jaso segapotoan? Dedio! Hire totema olagarroa izango duk motel! Hainbat zeregin, hainbeste beso! Kar, kar, kar! barre egin zuen Joxemielek, ranroverra Oiartzungo Ergoien auzoko malda eskerga igotzen hasi zenean triki-traka ozenaz. – Aizak, motel! Noiz aldatu behar duk dinosauru hau eta itxurazko zerbait erosi? Bigarren milurtekoan gaudek eta hi oraindik trastu honekin! – Bai, baina trastu honek ez zidak kale egin inoiz. – Baina Soria ez duk Oiartzungo auzo bat gizona! Katxarro honekin noiz pentsatzen duk ailegatzea? Ostegun iluntzean atera eta igande eguerdirako? Ez al daukak beste zerbait azkarragoa eskuratzeko aukerarik? Ez daukak inor zorretan, alproja halakoa? – Hik ze uste duk, hau onddoak bilatzea bezala dela ala? Hara! kuatroporkuatro bat! Zer ondo! Saskira. Baina lasai hadi! Banekien beste zerbait behar genuela bidaiarako eta orain jaso behar dugun Joxe Ferminek prest izango dik guretzat, edo hori espero dut. – Prest? Zer baina? Askotan Joxemielek esandakoak deskodetzen ibili beharra neukan, zeren berriketaren dispertsioak alde batetik edota motzean hitz egite horrek bestetik, ondorio erabat ezberdinetara eramaten baikintuen. Han zihoan santana zaharra, Aiako Harrian amaitzekoa asmoa ez zuen pista mehar hartan, azken baserria zuela ordu laurden atzean utzi genuelarik. Kalekumeoi zaila egiten zaigu imajinatzea askotan hain gertu daukagun oihan aberatsean oraindik ere elebakarrak, indigenak alegia, izan baditugula guri eta gure zibilizazioari beha, Euskal Herri sakonaren, are gehiago esango nuke, Euskal Herriko erraietatik, han, sekulakopuntan zegoen Arranotxiki baserri apartatutik. Dedio! Iritsi ginen halako batean norabait eta han agertu zen nire begi-bistan Parnaso edo antzeko paraje idiliko hura –nor kristo biziko duk hemen! ez antenarik, ez parabolikorik... ez traktorerik, hau duk hau leku bitxia!–. Eta halako leku bitxiak biztanle bitxiak behar hor nonbait eta hara non, Joxemielen santanaren klaxon errepikakorrari, derrepente, hiru tximaluze gazte, ustez, hurbiltzen zaizkion irribarretsu. – Arratsaldeon, peña! Galdu egin zarete ala? –galdetu zuen porrutxo bat ahoan itsatsita zeraman mutil heavymetaleroak–. Haren tximak! Su Ta Garreko abeslariaren antza zuen, unerik hoberenetan, noski. – Ezzzzz! Txurruta ren bila ari gaituk motel! Hor al dabil? – Bai, siestan edo gelditu duk bazkalondoan, patxaranari bapo emanda! Kar, kar, kar! Ohi bezala. Badakik, mundu honetan bakoitzak bere ihesbideak aukeratzen dizkik, ezta hala? – Hik esaten baduk hala izango. Esango al diok Joxemiel etorri dela? – Bai, nola ez. Aizak, Txurrutaaa, Joxemiel etorri dela... Altxa hadi Mari Errauskin halakoa. Hori esan eta beste biak ere koroan, barre egiteari ekin zioten porrua elkarri pasatuz, begiak ñir-ñir, eta hortzak dirdiratsu. – Hi, Joxemiel! –esan nion ahopeka– zer dela eta deitzen diote Txurruta gizaseme honi? – Itxoin ezak eta herorrek ikusiko duk bidaian, bi esanahi baitizkik goitizenak eta. Halako batean hara non entzuten den Txurrutaren zartako bat goiko solairuan eta gero beste bat segidan eta beste bat. Azkenekoa zoritxarrez, Txurrutaren kopetak atearen markoaren kontra emandakoa izan zen. Txurruta! garbi zegoen goitizenaren jatorri bat bederen, ardo gehiegi zainetan! Hura zen Joxemielen esanez onddo-txakurra, inguruetako elementurik baliagarriena eta usaina, jatekoa den edozein perretxikori antzemateko gai zen gizasemea. Usaina izan bazuen, eta gorputz erdia zuriz margotua, eskaileratan behera etortzerakoan haren balantza eta dantzari ezker, paretaren pinturari kendutakoa berea egin baitzuen, hor nonbait. – Aizak Txurruta! Hi ondo al hago orain Soriarainoko bidea egiteko? – Aizak hi! Joxemiel! Aurrena arrastion, eta bigarrena, zera: ni inoiz baino hobeto natxiok inora joateko, hik “Potros”a gidatzen baduk behintzat. – “Potros”-a? Zer duk hori, Joxemiel? Zaldiren bat edo? Hau ekipoa gurea! Dedioooo! – Ez gizona, Potrosa korta barruan zegok, etor hadi eta ikusiko duk. Ederra duk benetan! Eta hik Txurruta, Potros ateratzen dudan bitartean har ezak behar duana, ti-ta batean ateratzeko. – Atzo prestatu mizkian nik prestatzekoak gizona! Badakik erdal esaera: Hombre prevenido... enbido! Ez al duk hola? Hori esatean, apopiloak ziruditen beste hiru tximaluzeak jo eta tripak bota beharrean hasi ziren. – Vale por dos, osaba, vale por dos! –esaten zuen handienak–. Hi haiz hi akademikoa! –eta segi barrezka–. – Zuek astapitoak, hobe zenukete lan gehiago egin eta marizikin gutxiago erre, gero eta leloagoak gelditzen ari zarete eta. Bizirik iraungo al duzue ni etorri artean? Ez zekiat ba! – Baiiii, joan hadi lasai, osaba, guk zainduko diagu baserria eta azienda ohi bezala eta hire ohea betetzeko neska lagun batzuk ekarriko ditiagu, ziur egon. Kar, kar, kar. Hura zen panorama, hura! Hiru porrozale porrokatuak eta haietariko baten osaba oreka bilatu nahian santanaren laguntzaz. Joan nintzaion ba segika Joxemieli ukuiluraino eta hango simaur usaina eta lokatza artean hara non bonbila bakartiari tiratu eta piztu ondoren Potros delakoa ikusten dudan. – Baina zer Potros eta ze demonio! Hau Nissan patrol bat duk eta! Hemen Jaungoikoak bezala dena bataiatzeko ohitura duzue edo? – Hire herrian ez al duk hola ala? Patrol baino, Potros hobea duk motel! Honek potroak izan, galantak ditik eta! Hau duk animalia hau, ikusiko duk. Ikusi? Zer ikusi behar nuen nik ba 4x4 batekin? Ez nintzen ni ba abenturazale horietarikoa eta jakin banekien Joxemielek gustukoa zuela mendi puntako bazter eta zokoak azken zuloko pista ziztrin eta malapartaturaino ranroverrakin zeharkatzea. Behin baino gehiagotan koskabiloak ia bekainetaraino altxarazi zizkidan, bai horixe! – Aizak, Joxemiel! Ez nazak eraman gero, oraingo honetan ere kasakristoraino pista ostia horietatik! Aditu al duk? Kar, kar, kar... algaraka hasi zen Potros delakoa ukuilutik atera eta baserriaren atari erdian plantatu zuen arte. – Beno, Txurruta, emaiok muxu hire ilobari eta goazemak Soriarantz lehenbailehen. – Muxu esan al duk? Jar ezak hire ipurdia bistan eta emango zioat, pepelerdo halakoa. Tira, goazen! Eta han gelditu ziren hiru “rastak” sekulako irribarrearekin, batek sakelako telefonoarekin hitz batzuk botatzen zituen bitartean: – Ainhoa? Bai, Txema naun, gaur esandako orduan, hemen, Arrano Txikin? Ados, agur panpoxa eta ez ahaztu lagunak! Jendeak ez duela denbora alferrik galtzen, ez alajaina! Abiatu ginen, beraz, hiruko xelebrea auskalo nondik, aurrena Oiartzunera eta segidan autopista hartu ondoren, Leitzarango autobiatik Iruñerako bidean, Soria helburu. Bi trastu ezberdin ziren erabat Santana eta Potros. Bata jurasikoa eta bestea puntta-punttakoa, bai jauna! Denetik zeukan 4x4 hark simaur usaina barne. Azken indigena elebakarra gauza batzuetarako, itxuraz, primario xamarra baina beste batzuetarako sekulako mutur finekoa omen. Nola liteke han, Aiako harrietan galdutako baserri hartan bizi zen gizaseme hark halako ranrober puska izatea? Eta Txurruta zurrungan ari zenez galdera jaurtitzeko parada probestu nuen. – Aizak, Joxemiel, badakik ez naizela kuxkuxeroa baina nola demontre izan dezake gizaseme honek halako aparatua? – Diskrezioz esango diat, German, gizon honek bizitza osoan ez dik lana besterik egin, beno lana eta bizioak ordaindu eta apustuak, eta... – Hori duk alukeria, hori! Nik ere lana egiten diat baina ez zidak bost kiloko Potros bat erosteko adina ematen, gizona! Hara zer azalpena! – Ongi duk German, ongi duk. Ondoan zurrungan daukaan Txurruta delako hori kontrabandista izan duk eta ez edozein, onenetarikoa baizik, urtetan mugan ibilitakoa, droga ez ezik edozein generorekin tratutan ibilia, angulak, tabakoa, alkohola, e.a. – Drogarik ez? Eta ze kristo duk ba alkohola? Bi fidusdun edari bat? – Benoooo, badakik zer esan nahi dudan, heroina eta halakoak, motel. Hau gerraosteko gizaseme saildua duk, golfo xamarra baina jateko edateko edota... edozer gauzari etekina ateratzeko sortua. Bizioak? Ba emakumeak, alkohola eta ikusten duan potros hau, handiena. – Ba, halako bati arrimatzeko umorea behar dik emakume batek, dedio! – Umorea ez duk kontua German, sosak baizik. Kar, kar, kar! Barre egiten zuen Joxemielek, Tafallarako bidean iraileko ostegun arratsaldean erlojua baino finagoa, 120an zihoan Potrosen bolantea poz-pozik gidatuz eta “Los tres sudamericanos” eta bestelako musika hegoamerikarra, gehi trikitixa sorta entzunez. Zortziak aldera Nafarroako azken herria atzean utzi ondoren kamioizalez jositako gasolindegi-jatetxe-dendashop-putiklub batera iristen ari omen, eta han afaltzeko asmoa genuen, tripako orroak baretzeko. Hori zela eta, Txurruta edo Joxe Fermin loti zurrungaria, lozorro etilikotik esnatu beharra zegoen. – Hi, Joxemiel, afaltzeko onddo-txakurra esnatu beharko diagu. Ez duk uste? Edo lotan utziko dugu besterik gabe? – Bai zera! Honek, total egon edo ez, jan beharra zeukak, bestela a ze zalaparta muntatuko duen, egoskor honek! Aizak, Joxe Fermin! Esna hadi! Afaltzeko tenorea iritsi duk. Entzuten al duk, gizona? Mugitu zuen loti ederra eta hasperenak eta nagiak handik eta hemendik atera nahian, bizpahiru aldiz ingurura aurrena eta gero niri begiratu ostean, txapela hala nola, zegokion lekuan paratu nahian, zera bota zuen. – Baina zein da tipo kankailu hau? Non gaude? Ze kristo egiten diat nik hemen atzean eserita? Enee, hau duk ajea hau! Ez nian hustu ba patxaran osoa? Jesusss, afaria esan al duk? Goazemak ba! Baina zein da kankailu hau, Joxemiel? – Ger-man, gizona, Ger-man. Esan nian, ba, lagun bat ekarriko nuela onddoetan aritzeko. – German? Ze izen arraioa duk hori? German. Tira, ba! Goazemak afaltzera Joxemiel. Izen arraioa? Berak bai zuela arraio, alproja eta baldar itxura balantzaka Potrosetik jaisterakoan. Neronengatik izan ez balitz, lurrari musu emango zion. – Ondo Kerman, ondo. Hi bai azkarra. Kar, kar, kar– esan zuen eskerrak eman nahian edo. Nahiko itxura xelebrea generaman hirurok jatetxeko barrara iritsi ginenean. “El bueno, el feo y el malo” ematen genuen. Ni neu, beste bien ondoan nahiko kankailu; ia bi metro luze, txandala eta mendiko botekin hornitua. Joxemiel, ohi bezala paparra bistan, tiradun kamiseta, jertsea eskuan eta betiko Nike bisera, eta Txurruta... tira, Txurrutarenak ikuskizun baten elementu guztiak zeuzkan: oraindik erdi balantzaka, txapela, jertse pikoduna, alkandora koadroduna eta mahonezko frakak, eta oraindik baserriko eskaileran paretari kendutako margo zuria alde batean, nabarmen. – Aizak, Txurruta. Hator hona une batez, Arrano txikiko margo guztia daramak aldian eta. Astinduko diat. Hago geldi mesedez. Tabernan zeudenek zur eta lur begiratzen ziguten, hiru elementu haien hizkuntza ulertu ez eta generaman piura hura nonbaiteko mapan kokatu nahian, baina ez zen batere erraza, ez jauna. Jantokian sartu ginen, eta leku askotako kamioizaleak egonik, inpresio galanta eman genuen hor nonbait, platerak utzi eta guri begira gelditu zirenean. Txurrutaren hitz egiteko tonuak ere lagunduko zuen? – Joxemiel, eta gure mahaia? Kamarero ostiarikez zegok hemen ala? Leku handia bai, baina zerbitzu exkaxa, motelaaa. Ez duk uste Kerman? Kar, kar, kar. – Hobe motela eta ez simaur usainarekin hik bezala Zurrupa! – Hara! Bertsolaria duk hire lagun hau ere. Ondo pasatuko diagu, onddoetan, bai jauna! Beno, kamarerooo, “una de mero” Non sartu dira hemengo morroiak? Hau guztia bozgorailuarekin esanda diskretuagoa zatekeen. Hura basurde zalapartatsua hura! Oharkabean pasatzeko moduan geunden ba. Dediooo! Afaldu genuen eta baita bapo edan ere, Txurrutak ez baitzuen gidatu behar-eta, baina alkoholak neuronaren bat nahastu zion antza eta zerbitzariarekin lehian, ika-mikan hasi zen kafea hartu orduko. Kafea hotza zegoela, ogia ez zela egunekoa, zerbitzua kaxkarra zela, eta ardoarekin ziria sartu zigutela, horra hor kafe zurruta bakoitzarekin botatako kexa sorta. – Aizak, Joxe Fermin, isil hadi edo gaizki hasiko dugu bidaia hau! Ez gaituk bidean jarri iskanbilaren bila, onddoen bila baizik. Ordaindu eta goazemak hemendik! Eserita zalapartatsua bazen, zutitzerakoan are gehiago. Berriro ere dantza-balantzari ekin zion eta zerbitzaria kobratzera hurbildu zenean hatz erakuslearekin hasi zitzaion paparrean ukitzen eta burlaxka antzean. – Bai, esandako guztia egia da eta hik badakik alproja halakoa! Zerbitzariak guri begiratu eta irriño batez erakutsitako konplizitatearekin erdi sosegatuta bira eman behar zuenean hara non Txurrutak irrist egin eta lepotik heltzen dion, biak hankaz gora eroriz, mahai guztien artean gure oinetara. Erretiluan zeramatzan txanponak hegan atera ziren eta kamara geldoan bezala ikusi nuen egoera, bakoitzak alboko mahaietan eserita zeudenei heldu nahian sekulako bizkarrekoa hartzen zutela. Hura izan zen lapikoa borborka jarri zuen azken garra. Nagusia atera eta mesedez lehenbailehen alde egiteko esan zigun, mozkorti hura eraman ezean guardia zibilari derrepente deituko ziola mehatxatuz. Nola edo hala eraman genuen lagun zalapartatsua, onddo-zakurra, jatetxetik kanpo eta berriro ere Potrosean sartu genuen, jatetxeko nagusia, atarian guri begira zegoen bitartean. – Aski diagu Txurruta! Ezin diagu horrela jarraitu, bestela alferrik etorri haiz! Onddoak ikusi beharrean hondoa jo egingo duk eta! – Hara gure plaza-gizona! Ederra atera zaik parabola, baina hik ez daukak trebetasunik horrela segitzeko, ezta Joxemiel? – Egin ezak lo, Txurruta, egin ezak lo, eta eman ezak bakea. Halaxe izan zen berriro ere eta nire bizkar gainean lo hartu zuen, zurrungari ekiteko prest. – Seguru al hago hau dela herriko onddo biltzaile hoberena? Nire zalantzak ditiat. – Lasai egon hadi. Bihar oso fin ibiliko duk. Nire kontu! Errepideari ekin genion gaua gainean genuela eta trafiko eskasiari esker berehala plantatu ginen Matalebreras herrian, “del Madero” borturantz jarraituz. Eta hitzak berak dioen bezala “del Madero”n, maderoak aurkitu genituen; geldiarazi gintuzten. Guardia Zibilaren kontrola, gaueko 10etan, Soriako bazter galdu batean. Nola demontre? Sorian, beste hainbat ekonomia-arlotan bezala, oraindik iristear zegoen Benemeritaren suspertze ekonomikoa eta errepide-kontrola kontrolatzen zuen “cuatrolatas” baten inguruan zegoen sardinzahar batek halako gailu luminiko batez, errepidetik ateratzeko agindua egiten zigun, “Todo por la Patria”ren auto jurasikoaren argi urdinxkaren laguntzarekin. Surrealista benetan! Makila argitsua zeramanak piura ederra zuen alajaina! Sabel ederrari traje ofizialak ia ezin zion eutsi galtzetan. Erretirotik gertuago zirudien lehen jaunartzetik baino. – Kaixo! Arratsalde on. Nortasun-agiriak eta gida-baimena mesedez... Auto ederra jaunak. – Bai, zinez ederra. Zuena ere ez dago gaizki. Aldaketa batzuekin asko irabaziko luke ez da hala “agente”? Eskatutakoak eman, eta Joxemielek eta biok, hasperen bat eginez, elkarri begiratu genion irribarretsu. – Eta zuen lagunarena? – Lotan dago, beharrezkoa al da esnatzea? – Bai, beharrezkoa da, guztiz beharrezkoa. – Euskaldunak zarete hirurak ezta? – Bai, halaxe da “agente” jauna, euskaldunak gara, goiti beheiti eta oso ondo konpontzen gara Soriako jendearekin. Lagunak ditugu Sorian, lagun handiak... Tira, tori lagunaren agiria. – A bai? Bai interesgarria! –esan zuen jaramonik egin gabe, kideari agiriak luzatuz–. Segidan, txakurra, San Bernardo potolo batek ardi taldeari bezala, bueltaka hasi zitzaigun Potrosen inguruan, Txurrutari behin eta berriro begiratuz. Agiriak jaso zituen berriro eta zera bota zigun: – Hori al da jatetxean zalaparta sortu duen mozkortia? –ño, harrapatu gaitiztek. – Bai, halaxe da, baina ikusten duzu ezin duela ezta bere buruarekin ere. Ez zen oso gustura gelditu sardinzaharra gure Txurruta esnarazi gabe eta Joxemielen atera hurbildu, zabaldu eta ukitu egin zuen esnatzeko asmoz. – Nik ez nioke hori egingo “agente jauna”, esnatzerakoan ez baitu ezta bularra eman zion ama ere ezagutzen, gaiztoa izaten da, benetan! – Hara! Begira zein fin tratatu behar dugun orain zalapartaka gure Soria lasaia asaldatzera etorri den euskaldun mozkorti hau –eta berriro mugitu zuen Txurruta. Halako batean lotiak, lotan oraindik, jiratu eta ezker besoarekin sekulako danbatekoa eman zion “agente jaunari” muturrean, hankaz gora bidaliz haraxeago zeuden sastraketarantz. – Me cauen tostus muertossssss! –bota zuen ipurdia altxatzeko gai ez zen kupeltzar benemeritoak, gure Txurruta, buelta eman eta gorputza eta loaldia, zirkinik egin gabe aulkian berregokitzen saiatzen zen bitartean. – Tomassss, etor hadi hona eta lagundu nazak, azkar! – Bai “mi kabo”, nola erori zara ba? Eraso egin al dizute euskaldunek? –altxatu, trikornioa bilatu sastraka artean, ondo jarri eta duintasuna berreskuratu nahian guregana hurbildu ziren bi benemeritoak. Guri eta Txurruta loti zurrungariari begiratu ostean, bere onetik aterata zera bota zuen: – Zuen berri gehiago ez izatea espero dut, zuen onerako! Tira, jarrai dezakezue. A, azken gauza... Jakin ezazue gainean izango gaituzuela edozein xelebrekeriatan sartzen bazarete. Oso sare estua dugu Sorian. Alde hemendik! – Bai, agente jauna eta barkatu lagunarena. Halakoetan ez du gauza onik, ikusten duzu. Deus erran gabe, linterna magikoarekin egindako keinu batez errepiderantz bidali gintuen, kidea, guri begira, irratiz berbetan ari zen bitartean. – Ez al duk arraroa, German? – Zer? – Ba ez didala alkoholemiarena egin. Ziur naiz positibo emango nuela, eta berak ere hori bazekien, jatetxekoarena zekien bezala. Arraroa German, eta hire agiriarekin denbora luze egon duk. Zer daukak hire curriculumean? Gorotzen bat edo? – Gorotza ez, baina bekorotz bat edo beste bai, baina nahiko lehorrak dagoeneko, kiratsa aspaldi galdu duten horietakoak, ulertzen? – Bai, ulertzen diat ardi beltz halakoa, ulertzen diat, kar, kar, kar. Gaua dena estaltzen ari zen ohiko jantzi beltzarekin eta pentsatu beharra zegoen non pasa gaua, ez baikenuen aldez aurretiko inongo erreserbarik egin asteburu luzerako. Soria hiriburua gertu zegoen. Antzematen hasiak ginen hiri txiki eta hotzaren argi distirak eta logurak asteko lanaren ajearen poderioz, ohea eskatzen zigun. Txurrutak zurrungan jarraitzen zuen. Gauean komeriak izango al genituen, hainbeste lo egin ondoren? Tipo bitxia eta bitxoa benetan! – Eta? German? Non geldi gaitezke? Kontrolatzen al duk hemengo bazterren bat, gaua pasatu ahal izateko? – Bai, bazegok Soria hirian sartu aurrena halako gasolindegi bat eta baita ere ostatua, uste. Han galde dezakegu, ondo iruditzen bazaik! – Nola ez! Badakik ni auto barruan lo egiteko ere prest nagoela. Ataka zailagoak pasa ditiat Alpe inguruetan. Eta hasi zen kontatzen mendietan emandako hainbat pasadizo gasolindegira iritsi bitartean. Txurrutaren zurrungak ez zuen etenik. Potrosen egitura eta nire belarri minberatuak zartatzeko zorian zeuden, hori guztia ardo usain mikaztuarekin hornitua. Gasolindegia eta ostatuaren argiak ikusi ondoren aparkalekuan sartu ginen. Potrosen barnean utzi genuen loti ederra gu logela bila gindoazen bitartean. Halako batean atera eta hara non ikusten dugun Txurruta txahala botatzen gurpil baten gainean. Ederra ikuskizuna! Eskerrak jende asko ez zegoela! Tripak bota beharrean zegoen hurbildu ginenean. – Joxemiel, edo hik ez dakik gidatzen, edo errebuelta asko zeudek herri honetan edo jandakoa ez zegoen ona. – Edota gehiegi edan huen bai etxean eta bai afarian eta sekulako atxurrarekin hago. – Hik badakik bidaia luzeak ez ditudala gogoko baina hainbeste onddo badago hemen, hik esan bezala, merezi izango duk, ezta? –Braaaaagh–. – Tira, Txurruta, goazemak lo egitera eta debekatua daukak berriro zintzurra bustitzea, biharko hamaiketakoa iritsi arte behintzat. Altxatu eta fardelak hartu ondoren geletara abiatu ginen, bai, geletara, nik behintzat ez bainuen Txurrutarekin batera lo egiteko asmorik, ez horixe! – Aizak, potxolo!–botazion Txurrutak Joxemieli– Telebistarekin hartuko huen gela ezta? Horretan gelditu ginen etorri aurretik! – Telebistarekin? –erantzun nuen nik harrituta–. Zertarako telebista? Pilota partiduren bat al dago Sorian ala? – Pilota bai, bi pilota alboetan eta zakila dantzan, Kerman. Hik ez al dituk ikusten XXX pelikulak, poxpolin halakoa? –Joxemiel tripak bota beharrean hasi zen. – Baina ze XXX? Hori asteburuetan izaten omen duk eta gaur osteguna duk. Edo ez al dakik ezta zer egunetan hagoen ere? – Osteguna? Hara! Ba nik ohiko asteburuetako ohiturarekin ekin zioat honi ere eta... osteguna al duk? Tira biharko utzi beharko diagu ba, ez da hala Joxemiel? – Halabeharko,horregatikgaurkogelanezzegok telebista beharrik Txurruta, bihar ikusiko duk, ikustekotan. ATALA TRICHOLOMA PORTENTOSUM Gaua igaro zen inongo ikaraldirik gabe eta goizeko seietako han geunden bi onddozaleak eta onddo-txakurra prest “Pinares” deituriko zonalderantz abiatzeko. Txurrutak goizean aurpegi hobea zeukan, eta urduritasunez behin eta berriro txapela buruan berregokitzen saiatzen zen. Soslaiko begirada bat bota eta ahopeka zera esan zidan. – Egunon, German, ondo lo egin al duk? – Baita hiri ere, Joxe Fermin. Bai hala egin diat, lo seko eta heuk? – Beno, gau hobeak pasatu ditiat, baina Joxemiel ez duk tokatu zaidan bikote txarrena, okerragoak izan dituk. Beno, eta non daude ba pinudi, erraldoi, miresgarri, ikaragarri, amaiezin horiek, e! Joxemiel? Aste osoa egon haiz oihan horietaz berbetan isildu gabe. Ez zekiat zein etortzen dela urtero hona, ez zekiat zenbat kilo ekartzen dituela, ez zekiat zer... – Sar hadi autora eta goazemak! Ordu erdiko bidaia zegok eta. – Gosaldu, gosaldu beharko diagu ez, jaunak? – Bai, baina gaur nik kontrolatuko haut hi zurrutan, esponja halakoa! Autoan sartu bezain pronto umore onean hor nonbait eta ajerik gabe –harrigarria benetan– hara hor non hasten zaigun Txurruta bertsotan, kantari. Txakurrarentzat jarri biaitut bertsuak; etzeuzkiyen nagiyak anka ta besuak; gaxua etzuten egiñ bere gurasuak munduan pasatzeko egun erosuak. – Ba al dakik norenak diren, German? – Ez, gustatzen zaizkidak bertsoak baina ez ditiat asko ezagutzen, eta are gutxiago buruz. – Txirritarenak dituk, txakur gizajo baten bizimodua kontatzen ditek. Batzutan gurea ere, txakurren parekoa izaten baita, ez al duk uste German? – Bai, batzutan hala izaten duk. Eta errematea eman zion jardunari eta bertsoari beste batekin, ahotsa gozatuz. Lakar xamarra zuen, baina ez bezperak eskatzen zuen bezalakoa, ez alajaina! Kalte ederra degu zakur ura illa, laxter bagijuazke beste baten billa; eztu preziso biar eizian abilla, ura bezelakua atera dedilla. – Horra hor, zergatik ere herrian, Txurruta deitzen dioten elementu honi. Txirritaren parekoa izan nahi baina erdi bidean gelditzeagatik, hor nonbait. – Bai? Hala al duk Joxe Fermin? Zer dela eta? – Txurruta, deitu egidak gizona! Lau egunen bueltari ez diogu itxoin beharko ba konfiantza apur bat hartzeko, ez al duk uste, German? Eta hor hasi zen hitz jarioarekin barruak hustu nahian baina orain, bere bizitzari so eginez. Hirurogei urteko gizon hau, dirudienez, gaztetan lanak eta kontrabandoak utzitako aisialdi urrian, bertsotan ibiltzen zen tabernetan, lagunartean, baina haren buruaren eta mingainaren abileziak ezin izan zuen gainditu bakardadea, eta haren ibilaldiak motzean lotzeko behar bezalako emakume bat garaiz topatu ez izanagatik, parrandaren eta zurrutaren besoetan erori zen xamur-xamur. Baina bertsoen grina lagunartekoak biribiltzeko eta gozatzeko akuilu bezala zerabilen eta bereziki, baratze propiotik erdipurdi ateratakoak baino, Txirritarenak buruz ikasiak zeuzkan, une egokietan Biblia bera baino baliotsuagoak bilakatzen zitzaizkiolarik. Nagusiya ta etxeko andria asarre diran tokiyan, bizi-modua ezta ikusten oso planta egokiyan; gizona zurrut lasai eginda kantari dago alkiyan, andriak lanak egiñik dabil negarrez eta plakiyan. – Hau, Joxe Fermin, hiri dedikatua, etxeko gizon prestu eta ausarta, edozeinek ez baitu balio eta andre baten ondoan gauak eta egunak emateko, ez nik behintzat! – Beno, bota al dituk gaurkoak, Txurruta? Edo gehiago ditugu esperoan? – Gehiago ditiat, hauek goizaldekoak hituen Joxemiel! Etorriko dituk berriak! Erne izan belarriak! Kar, kar, kar. Trikitixa jartzeko eskatu zuen Txurrutak eta pandero eta soinu txikiaren lagunartean Cidonesera, Herrerosera, eta halako batean Abejarrera iritsi ginen justu errepide ondoko taberna bat irekitzen zutenean. Argiak ikusi bezain pronto bertan gelditu ginen gosaltzeko asmoz. – Kaixo, egunon deigula guztioi! Isiltasuna izan zen erantzuna, egia esan bi lagun besterik ez zegoen bertan, nahiko betozkoak. Kafe bana hartu eta halakoetan ohi den bezala, leloa bota genuen. – Zer? Ba al dago onddorik bazterretan? – Zuek jakingo duzue, horretarako etorriak zarete ezta? –arrapostu egin zuen tabernariak edalontzi batzuk xukatu, zotza ezpainetan eta gure 4x4ari begiratuz. – Ederra katxarroa ekarri duzuena, pena halako trastua basoan barrena sartzea, ezta? – Eta zuri nork esan dizu basoan sartzeko asmoa dugula? – Tira! Ez zarete ba hemen gelditzen diren onddozale guztiak bezalakoak izango? Beti ezjakinaren itxura egiten. Izango duzue kakoren bat hemen nonbait, eta ez baduzue ba agian neronek bete dezaket zeregin hori aurrerantzean, zerbait adosteko prest bazaudete. Gantxo benetan ona daukat, batik bat, ezkerrekoa, Titinek bezala. Kar, kar, kar. Eta txotxa ezpain ertz batetik bestera aldatuz, keinu bat egin zigun. Alboko mahaian zeuden beste bi tipoek ez zuten deus esaten, kanpora begiratzea besterik ez. Egia esan gure Potrosa oso deigarria bilakatzen ari zen nonahi, gehiegi agian gauza onerako. – Ez, eskerrik asko, ez dugu behar zure laguntza, baina beste baterako kontuan hartuko dugu, beste lagun batentzat edo. Eskaintza estimatzen da, solasaldia besterik ez genuen nahi kafearekin batera. Tira, zenbat zor dizugu? – 2,80! badakizue Sorian dena merke eta on! Onddoak bezala. – Hala espero dugu izatea. Tira, agur, jaunak! Bazterrean eserita zeuden bi gizasemeek, ez zuten egia esan, piura onik, are gutxiago goizaldeko ordu haietan betaurreko beltz haiekin, eta guri begira gelditu ostean berriro ere kalaka arraroan jaramonik egin gabe jarraitu zuten. Kanpoan zegoen auto bakarra, BMW galanta, beraiena izan beharko, derrigorrez. Bitxia. Tabernatik atera eta, errepide nagusia ezkerrera utzi ondoren, La Cuerda del Pozo urtegirantz jo genuen, Joxemielen jostailu berria eskuetan. Joxemiel oso tresnazale zen (erlojuak, mobil ederrak, onddoetarako laban bereziak...) eta oraingo honetan GPSari egokitu zitzaion txanda. Segapoto baten antzeko tamaina zuen eta zioenez, edozein lekutan egonik ere, ez zegoen galtzerik ondo erabiliz gero, noski, eta aurten onddoen kokalekua markatzeko asmoarekin erosi zuen propio. – Baina hi erotu egin al haiz, motel? Nola kristo daiteke halako trastu batekin onddoak markatzea? Ez al duk errazago markak uztea, nolabait? – Bai, Txurruta, eta gero besteak ere marka horiei erreparatuz onddo lekuaren berri izatea, ezta? – Baina hik zer uste duk? Hemengo jendeak ez dakiela non diren eta non ez? Hori benetako onddo biltzaile batentzat, senari burla egitea duk, ez duk uste hala German? – Zer esango diat ba! Nik ez horrekin eta are gutxiago nire berezko senarekin ez niake antzemango ez zer eta ez non. – Bai, hi eskola zaharreko azeria haiz, Txurruta! Baina denborak aurrera egiten du eta badaezpada, autoen artean, hik ere aukera polita egin duk. Badaezpada ez haiz gelditu Santana zaharrarekin, ez jauna.Kar, kar, kar. Begiratu egiok GPSaren pantailari eta ikusiko duk herorrek, nola markatzen duen bidea. Ba gauza bera egiten dik basoan ere eta irtendako puntu berera eramaten hau zintzo-zintzo. Eta han ibili zen aho zabalik onddo-txakurra, Joxemielek esandakoa baieztatzen ongi baino hobeto zebilen aparatua behatuz. Baina “benetako onddozale”ak ezin dio halako trastu bati jaramon egin. Sekulako astakeria litzateke Oiartzungo lagunek jakingo balute. Ezta pentsatu ere! Joxemiel basozainak erabil zezala halako sorginkeria, eta ez bera bezalako profesional batek. *** Urtegira iritsi aurretik bidexka bati heldu genion, “El Frontal” deituriko marka zeukana. Hala esan omen zion Joxemieli “gantxo” ezagunak. Handik jo behar genuen hura baitzen lekurik emankorrena garai hartan, zirudienez. Halaxe egin genuen, basozainen borda bat topatu arte. Hura zen basoa, hura pinudia, hura ura! Sekulako pinu galantek estaltzen zuten ia osorik, belarrera iristeko zirrikitu bila zenbiltzaten izpi ahulen edozein aukera. – Dedio! Ez dik ba “ElFrontal” izena ematen GPS alu honek! Amerikar sateliteek dena kontrolatzen ditek! Kontrolatuta gaude noiznahi, nonahi. Irakiar gizajoak! Bazkariaren errezeta argazki batean ateratzeko gai dira yankiak. Aizak Joxemiel, ziur gringo hauek onddo puntuak erabat kontrolatuta dauzkatela, eta aurki Nafarroan liburu bat ateratzeko prest izango direla Sanzen hitzaurre batek lagunduta. Ea, zein izan daiteke yankien balizko liburu horren izenburua? Navarra, onddo? Edo (H)ondonada navarra? Edo Onddoak made in USA? – Hi, German... gauza bat esan behar diat: eskola emateak ez al dik ganbara erabat zulatu? Hori duk lerdokeri meta botatzen ari haizena! Kar, kar, kar Algaren artean jaitsi eta hamaiketakoa burutu genuen, bapo-bapo, plan estrategikoaren diseinuari ekin aurretik, hots: nondik, nora, nor, noiz arte, segapotoak bai, ez? – Hemen estaldura gutxi zegok! Hire GPSak ez dik ezertarako balio gizona eta gure segapotoek are gutxiago, ederra egin duk Joxemiel! Labanarekin markatu beharko dituk onddo-puntuak. – Bai, edo bestela txakurrak bezala, pixa eginez –gaineratu zuen Txurrutak tripak bota beharrean. – Beno, badaezpada aldean eramango ditugu–esan zuen Joxemielek, hanka sartzea, konpondu nahian. Ordu erdiko bueltaxka bat emango dugu eta berriro elkartuko gara hemen edo basoan, hala suertatzen bada. Makilak, saskiak eta xirak hartu eta abiatu ginen, bakoitza izkina batetik basorantz. Lainoak estaltzen zituen gune gehienak nahiz eta eguzkiak poliki-poliki bidea egiten saiatu. Errekatxo bat erreferentzia bezala hartu eta jarraitu egin nion, noizean behin metro batzuk aldenduz, niretzat ezezaguna zen paraje hartan. Naturaren indarra bete-betean sumatzen nuen eta irrikak eta onddo-nahiak zirikatzen ninduten gero eta gehiago. Ezagutu, ez nuen ondo ezagutzen onddo-beltza baina topatzen nuen gehiena sartuko nuen saskian, gero adituak sententzia bota zezan. Ez zen perretxikorik ikusten inon, eta hori bidean emandako ikastaro trinkoaren arabera seinale txarra omen zen, baina ibili beharra zegoen eta zoko-moko guztiak arakatu, badaezpada ere. “–Inoiz ez da jakiten noiz–” hori zen gustuko zuen sententzia. Denbora halako zereginetan ohartzeke pasatzen da eta konturatzerako bilkura ordua iritsia zen. Saskia erdi betea, perretxiko bat bera errepikatu gabe, abiatu nintzen arin-arin Potrosen aldera eta baita iritsi ere. “–Ez nabil oso gaizki orientazio lanetan–” etorri zitzaidan burura. Egia esan ez zen zaila zeregin hori batik bat errekari jarraitzea besterik ez nuenean. 4x4aren bozina ere lagungarri egin zitzaidan, goizaldeko azken lainoxkak altxatzen ziren unean. Han zegoen Joxemiel Potrosen kontra zigarrotxo bat erretzen, lasai-lasai. – Zer? Aurkitu al duk zerbait? Nik pare bat bai behintzat. Erakutsi zizkidan eta bai ederrak ere! Bata txikia eta potoloa, leher nahian kapelapean eta bestea handiagoa, nahiko ondo kontserbatua, haragi trinkoarekin. – Ba, neronek topatutako ia guztia sartu diat! Hauek pinutelak edo niskaloak direla bazekiat, baina besteak auskalo! Han egon ginen biok, saskitik onak ateratzen, hots: bat bera ere ez, baina lehen kolpean saskia betetzea zaila izaten omen, bai hemen eta bai Sorian baldin eta eguraldiak, ilargiak, euriaren bustialdiaren ondorengo ezinbesteko eguzkiaren beroalditxoarekin batera ez badatoz bat eta hori guztia, planeten konjuntzioaren baimenaz. Bai zaila onddo-biltzailearen patua. Dedio! Denbora aurrera joan ahala, gure aditua faltan eta bozinari emateaz asper-asper eginda, Txurrutak hartutako bideari ekiteko imintzioa egiterakoan, hara non, agertzen zaigun beste punta batetik. – Bahuen garaia, gizona! Hi beti bezala ordua jarri eta ordua jan. Ordu bete pasa duk esandakotik. Zer gertatu zaik gizona? Tira erakutsi egiguk saskia, alproja halakoa! Lepo zegok? Txurrutak ez zuen deus esaten eta bioi begiratzen zigun halako aurpegi arraroarekin. Mutu! Saskia lurrean jarri eta Potrosen kapotaren gainean jarri zuen eskua, arnasa berreskuratu nahian edo. Zurbil zegoen. – Zer daukak? –bota zion Joxemielek zerbait arraroa antzemanda. Esan ezak zerbait gizona. Mingaina galdu al duk, onddoak bilatu beharrean? Ez duk broma, ez duk broma! Halakorik ezta mugaz gaindi ibilitako urtetan ere ez zaidak gertatu. –Eta hori esatearekin batera saskia estaltzen zuen xira kendu egin zuen. – Zer duk hau? Ze ostia duk hau? Non ibili haiz baina? Zezenak plaza barruan bezala bueltaka ari zen Txurruta Potrosen inguruan, etengabe. – Tira! Zer duk hau, Joxe Fermin? Gelditu egin zen halako batean eta txapelari behin eta berriro jirabira eginez zera bota zuen: – Lanbro artean nenbilen eta, halako batean, kobazulo antzeko baten aurrera iritsi naiz. Pixka bat sartu eta zigarro usaina sumatu dut. Oihukatu ondoren eta inor ez zela agertzen ikusiz, aurrerago jo eta zerbait ukitu dut hankarekin, poltsa bat edo; ireki dut eta begira. Sekulan halakorik! Hori zen hitza bai. Sekulan halakorik! Saskian zegoen poltsaren barruan 500 euroko billeteak hainbat multzotan lotuta, dirua, dirua eta dirua. Eta bukatzeko, beste bi poltsa hauts txuri batekin. Hura droga zen, ez zegoen dudarik. – Aizak, Txurruta, hi seko erotuta al hago? Zer dela eta ekarri duk hau hona? Badakik zer gerta daitekeen harrapatzen bagaituzte fardel honekin? – Itsutu egin nauk, Joxemiel, itsutu! Ez nekian zer egin eta... – Eta, otia, eta eztia! Oraintxe bertan joango gaituk hau dagokion lekuan jartzera, jabeak etorri aurretik. Tira, goazen agudo! Nondik jo behar dugu, koka-txakur halakoa? Kostata, baina azkenean koba topatu genuen, 4x4a pista batean utzi eta handik ordu betera, mendian goiti, mendian beheiti, ezker-eskuin, azkenean, kasualitatez antzeman genuen ahoa, hormatzarrean. Fardela zegokion lekuan laga eta atera ondoren, bat-batean elkarri begira gelditu ginen hirurok eta... – Tira! Eta 500 euro hartzen badugu? Ez da inor konturatuko. Ez duzue uste? Asteburuko gastuak ordaintzeko ondo etorriko zaigu! Sartu zen berriro Txurruta eta 500eko billete batekin atera zen irribarretsu. – Goazemak hemendik, goazemak!! ! Ziztu bizian atera zen ranroberra hautsa altxatuz, bide nagusirantz, eta inguru haietatik lehenbailehen ateratzea zuhurrena zela deliberatu genuen. Pinudi gehiago izango ziren handik gertu eta inoren arreta ez piztea hobe. Bide nagusiarekin topo egin ondoren, Molinos de Duerorantz jo, eta ezusteak eta abentura puntuak sortutako urduritasuna pausatu edota dastatzeko, plaza nagusiko taberna bakartian sartu ginen. Bazterrean zegoen mahaian eseri ondoren, telebistan ematen ari ziren berri bat, ozenago jarri zuen barmanak teleagintea astinduz. – Madriletik duela egun bi ihes egindako “narko” batzuen lorratzak jarraitzen ari da polizia, eta datu guztien arabera Soria inguruan egon daitezkeela uste du. Honekin batera, esan beharra dago polizia-segadatik ihes egindakoak bizpahiru direla eta gainera atzerritarrak, mafia errusiarra, seguruenez. Poliziak, pantaila azpialdean agertzen ari den telefonoa indarrean dauka biztanleriaren laguntza jaso ahal izateko. Zure segurtasunerako ari gara lanean, gogoratu. Barkatu, esan zuen teleberri emaileak: zure segurtasunerako ari dira lanean. Hau da segurtasun nazionalaren institutuak emandako mezua, entzule agurgarri hori. Beraz, norbait ezezaguna, arraroa, arraro hitz egiten duena, arraro janzten dena, arraro begiratzen dizuna, oraintxe bertan zure inguruan badago, ez izan zalantza izpirik: salatu! Barkatu, deitu, zeren narkoa izan baitaiteke, edo arabiar fundamentalista, edo fundamenturik gabeko arabiarra, edota terrorista edota terzermundista horietakoa. Salatu! Barkatu berriro ere: Deitu! Denon mesederako izango da eta... eta gomendio demokratiko hauen ondoren... goazen kiroletara. –Real Madrileko galaktikoak gose-greban... Tak! Berriro teleagintea erabiliz, barmanak, erabat jaitsi egin zuen bolumena eta instintiboki berari begiratzean, lepoan begiak iltzatuta neuzkala sumatu nuen. –ez dik ba alproja honek gu garela pentsatuko? Dedio! –edalontzia hustu eta ukalondoarekin, tak, Joxemieli emanez, altxatu eta alde egin genuen. – Beno, lasai gaitezen, herri hau txikia da eta seguruenez berriak ziztu bizian doaz, batetik bestera, are gehiago narkoen historia honekin, baina gure berri izan, badaukate bertako sardinzaharrek egin ziguten kontrolaren ostean, beraz, alde horretatik lasai ibili beharko diagu. Ezta? – Tira, lasai ez nikek esango. Txitaktxitxa lapurraren itzalpean baino erneago bai. Orain egin behar duguna zera da: Leku berri baten bila joan eta onddoak aurkitu. Horretara etorri baikaituk nahiz eta mementoz kontrakoa eman. Goazemak onddoetara, arren! Berriro ere jauretxez beteriko herri dotore hura atzean utzi eta Duero ibaia, oraindik nerabea, zeharkatzen duen zubian sartu behar ginenean: to! Guardia zibilen kontrola, “cuatrolatas”eko bi trikorniodunak berriro ere hantxe zeuden, planto. Orduan, bigarren aldiz baina ez azkena seguru asko, burura “El Madero” portuan, benemerito kupeldunak botatako sententzia etorri zitzaidan burura: oso sare estua dugu Sorian. –Bai, benetan estua eta astuna, zer nahiko zuten oraingo honetan? – Eguerdi on, jaunak. Nola doa zuenonddo-bilketa? – Ez nahi bezain “onddo”, “agente” –bota zuen Txurrutak. Onddo aluzinogenoak besterik ez ditugu topatzen. – Aluzinogenoak esan al duzu? Nik dakidanez halakorik ez dago hemen. A!, badakit, euskaldunen umore garratza izango da hori ezta? – Horixe bera agente, horixe bera. A! eta beste gauza bat agente. Nire lagunek kontatu didate lehengo egunean kontrolean gertatutakoa, zartakoarena alegia, eta barkamena eskatu nahi nizun, bihotz-bihotzetik. Zerbait egin al dezaket nahigabeko ekintza penagarri hori konpontzeko? Ardo pare bat plazako tabernan edo? – Tira, tira, estimatua dago baina baita ahaztuta ere. Lanean ari gara eta gainera, ez dakit dakizuen, baina –eta konplizitatea edo isileko zerbait adierazi nahiaren eraginez, “kabo”ak Txurrutaren aldeko leihatilara hurbildu eta zera bota zuen– narko errusiar batzuen atzetik gabiltza. Hau izan daiteke gure erretirorako dominarik preziatuena. – Tira, tira, kabo, akabo “cuatrolatas”-a segada on bat burutzen baduzue, ezta? – Kar, kar, kar. Hori umorea zuena. Tira, tira. Eta? Zuen ibilbidean zerbait arrarorik antzeman al duzue? – Arraro-arraro, egia esan ez. Arraroena onddo bat bera ere ez topatzea izan da. Ez al du ba kolpeak jo asteburu honetan, agente? – Bai, ba! Nik entzun dudanez mukuru daude basoak. Arraroa da zuek bezalako onddozaleek ez antzematea bat bera ere. – Bai, “mikabo”, baina egoera hau derrepente konpontzeko asmoa dugu. Bagoaz eta hurrengo batean tupust egiten badugu, erantzuna zera izatea espero dugu: Zer moduz onddoak? Ondo! – Tira, ea halaxe suertatzen den. Onddoak ondo. Hori da umore fina hori. Elkar agurtu eta han gelditu zen benemeritoen “kontrol zorrotza” zubi estrategikoa sabel lodiarekin oztopatuz. – Izan ere, Txurruta, hi haiz hi adarjotzailea! Halako batean berotuko zaizkiguk eta “kuartelillo”an azalpenak ematera eramango gaitiztek. Zaindu ezak hire aho beltz hori, gizona! –bota zuen Joxemielek hirugarren martxa sartuz Vinuesa herrirantz. – Ezin dizkiat une hauek bazterrera utzi, Joxemiel, bikote hori ikusi eta segituan etortzen zaidak bertsotarako grina mingain puntara. Hona hemen bat: Behin ta berriro Sorian zebilek zibila kontrolak antolatzen diagu abila Mafia gertu omen da hemendik dabila. Lasai ibil gaitezen “kabo” haren bila. Txurrutaren ateraldiarekin lehertu ginen algaratan, baina halere mafiaren kaparrak oraindik haragian kosk egiten zigun, noizean behin. Hala beharko! Bazkaltzeko ordua iristear zegoen tripa orroen erlojuak adierazten zigun bezala eta etxetik ekarritako hainbat txerriki, gazta eta ardori astindu bat eman beharra zegoen. *** Handik ez oso urrun, betoskodun bi gizaseme kobazulo batean barna ari ziren bazterrak miatzen linternaz, poltsa baten inguruan. – “Tobaritx” hemen norbait egona duk, hiru gizon, hain zuzen. Bi ertainak eta hirugarrena handi xamarra, lorratzen arabera. Tira har dezagun poltsa eta goazemak argitara, kanpora! – Ikusten al dituk, ibilgailuaren gurpil-arrastoak? Sekulakoa duk! Ze ibilgailu mota izan behar duk halakoa? 4x4a baina erabat berezia! Guardia zibilarena? – Ez, tobaritx, hemengo 4x4ak mementoz cuatro-latasak dira, ez besterik! Eta txakurrak gure atzetik Madriletik bidali badituzte beste turismo mota batean izango duk, ez Patrol batean, eta gurpil hauek Patrol batenak dituk, Patrol handi batenak. Gogoratzen al duk non ikusi dugun halako bat? Kar, kar, kar. – Baiii, oraintxe etorri zaidak burura. Hiru astapito haiek, erraldoia eta beste bi xelebreak, Abejarreko tabernan. Horiek dituk. Lorratzak jarraitzea besterik ez zeukeagu. Hemen inguruan ibiliko dituk eta berehalaxe harrapatuko ditiagu zozoak. Kar, kar, kar. BMWa, ziztu bizian atera zen lorratzen bila, poltsa kapotean gorde eta besapean zeramaten pistola, kontr laezineko ohiturari jarraikiz, laztandu ostean. – Vodka, tobaritx, vodka! Emaiok hurrupada bat, azkarkiago gidatzeko. Zozoek lakioa lepoan, eta jakin ez! Zozoa beti zozo! Kar, kar, kar. Erabat harrotuta egindako ihesaldian ia oztoporik ez aurkitzeagatik, eta Soriak beraiek bezalako hartz errusiarrak geldiarazteko ez kemenik ez eta mailarik ez zuelakoan, bide bihurrietan barrena Paris-Dakar antzeko lasterketa baten parekoa burutzen ari ziren, Molinos de Dueroko kontrolak ezustean, halabeharrezko galgatze bortitzaren zalaparta eta gurpil ketsuen artean, benemeritoaren kupelatik zentimetro batera gelditzera behartu zituenean. – Egun on, jaunak. Jakin daiteke zertan ari zareten abiadura horretan Sorian barrena? –galdetu zuen ia maskuriaren kontrola galtzear zegoen kaboak. Errusiar hartzek elkarri begira eta vodka aulkipean gorde ostean irribarre eginez parodiari ekin zioten. – Barka, jauna! Arrazoia duzu baina justu modelo berri honek turbo-sistema oso aurreratua dauka, eta oraindik ez diogu punttua hartu gidatzeari. Sekulako sustoak hartzen ari gara bidaia honetan eta zin dagizut jauna, hurrengo BMW tailerrean, salaketa jarriko diegula. Ba al dago hemen gertu tailer espezializaturik? – BMW tailerra? Ezetz esango nuke. Soria hiriburura jo beharko zenukete, seguruenez. – Tira ba, mila esker agente. Bueltaxka bat kontu handiz eman eta mantso-mantso Soriarantz joko dugu. Zerbait gehiago? – Bai, galdera pare bat –esan zuen kaboak, zereginari nolabaiteko ofizialtasuna eta garrantzia eman nahian–. Nongoak zarete eta zertan zabiltzate hemen? – Errusiarrak gara, jauna. Negozio bidaietan gabiltza, eta esan digutenez Soria oso leku egokia omen da industria berriak garatzeko, eta erdi turismo erdi negozio bidaia honetan, zonalde honek izan ditzakeen irteera ekonomikoak aztertzen ari gara. Talde garrantzitsu baten behatzaileak gara, ezagutuko duzu ba “Tobaritx kontsortzioa”? Bigarren errusiarra tripak botatzekotan zegoen, algarari ezin eutsiz. Hura zen hura adarra jotzea muturren aurrean inolako lotsarik gabe. – Zure lagunari zerbait gertatzen al zaio, jauna? –erantzun zion benemeritoak. – Ezzz, auto honen turbo madarikatuak zorabiatu egin du, hor nonbait, lasai. Baina esaidazu arren. Entzuna izango duzu ba “Tobaritx kontsortzioa”? Hotelak ditugu leku turistikoenetan, eta dakigunez, ingurune hau oso aproposa da gure inbertsioak egiteko. – Bai, bai. Nola ez dut ezagutuko ba? –bota zuen disimuloz kabo ezjakinak. Famatuak zarete, nahiz eta hemengo komunikabideetan oihartzun gutxi izan –inuzente eta ezjakina bezala ez agertzeagatik, gezurra egia bihurtu eta amore eman zuen–. Ba besterik ez jaunak eta espero dut zuen behaketa eta horren ondorioz inbertsioak, lehenbailehen iristea guregana, denon mesederako. Jarraitu aurrera eta ongi etorri gure lurraldera. Bidaia ona izan dezazuela. – Eskerrik asko agente jauna. A eta azken galdera bat. Pasatu al da hemendik Nissan Patrol eder bat, hiru lagunekin? Atzo taberna batean elkar ezagutu eta berriketaldi interesgarri baten ondoren hara non motxilatxo bat ahaztuta utzi zuten. Bueltatu nahi diegu, bestela arduratuta ibiliko dira, gizajoak. – Bai, hemendik pasatu dira, aipatu hiru gizonak eta Vinuesarako errepidea hartu dute, perretxikoen bila baitabiltza. Detaile aparta zuena, jaunak. Azkar aurkituko dituzue bazter horietan, ziur nago. – Mila esker agente. Egun ona pasa. Sekulako abiadura emanez, gurpilak ke batean jarri, kaboa eztulka utzi eta zubi meharrean haratago zegoen laguntzailea ia-ia Duerora bota zuten ezustearen ondorioz. – Kar, kar, kar, Tobaritx. Hi haiz putakumea, hi! Halako parodiarik aspaldi ez diat ikusi. Egunetik egunera hobetzen ari haiz. Jada ez nekian zer egin praketan pixa ez egiteko, hau barregura. “Tobaritx kontsortzioa” Halakorik! Kar, kar, kar. – Aurki izango ditiagu hiru zozoak sare barruan, eta ikusten denez pinudiak sekulakoak dituk hemen. Hiru zozoen gorpuen ongarria ondo baino hobeto etorriko zaiek onddoak elikatzeko. Goazen Vinuesara! *** Erreka zoko baten ondoan, Urbion mendi garaiaren aldetik zetorren haizetik babesa bilatu nahian, Potrosen alde batean gorde ginen, txorizo, urdaiazpiko eta gaztari kosk eginez eta Joxemielek ekarritako zahatoa dantzatuz, zintzurraren onerako. Egoera horretan, planak egiteari ekin genion. – Dena den –esan zuen Joxemielek–, imajina ezazue une batez, kobazulo horretan pasatu ditugun komeriak izan eta gero, jabeak, narko horiek alegia, bertaratu direla, gaur bertan alegia. Zer ekartzen dizue horrek burura? – Dedio, hori horrela baduk –erantzun nion– pepelerdoak bezala eror gaitizkek, baldin eta poliziak ez baditu aurretik atxilotzen. Ingurune hau txikia duk, oso, bai herriz zein errepidez, eta edonork zeukak edonoren berri amen batean. Ez duzue uste? – Ba, hemengo benemeritoen zereginaren zain bagaude gureak egin dik –gaineratu zuen Txurrutak ardoa modu xelebre batean sudur azpian joaz, ezpainetaratzen zuen bitartean. Bat-batean jakiak eta edaria utzi eta aho zabalik gelditu ginen elkarri begira, atera behar ez ziguten argazki baten esperoan bezala. – Arazo bat zeukeagu, lagunok! Arazo larri bat. Zerbait pentsatu beharra zagok eta azkar! – Zer esan nahi duk, Joxemiel? Agian gure atzetik daudela narkoak, orain, hemen? – Espero dezagun hori horrela ez izatea baina zerbait pentsatu beharra zagok eta azkar, bestela badakizue, errusiar horiek ez dituk pitokerietan ibiltzen. Zirt edo zart garbitzen omen ditiztek auziak. Norbaiti zerbait bururatzen al zaio? Eta hori esanez jakiak gorde eta azken hurrupa-bira eman genion zahatoari. Hitz eta pitz hasi ginen, aukera guztiak xehatu nahian: gu etorri berriak ginen zubi luze honetan, ez ginen kanpotar bakarrak izango baina gure Potrosa, ene gure Potrosa! Oso aproposa zen hor nonbait arreta ez bereganatzeko, utikan! Zegoeneko hasi Abejarretik eta Vinuesaraino gure etorreraren berri izango zuten, ez gugatik, baizik eta gu eramaten gintuen trastu harengatik. “Ande o no ande caballo grande” dio espainiar esaerak eta honako honetan delako zaldia agian lorratz handiegiak uzten ari zen gure galbiderako. Haiek bazekiten seguruenez gu nortzuk ginen eta non genbiltzan eta guk ordea haien berririk batere ez. Narkoek normalean auto indartsuak erabiltzen omen eta azkenean hiru markatara murriztu genituen balizko aukerak: BMW, Mercedes edo Audiren bat. Halakoak izaten baitira auto-trafikatzaileen gogokoenak eta. Tira Sherlock Holmesen eleberriak inoiz irakurri gabekoentzat ez zegoen gaizki lehen urrats deduktibo hura. Eta narkoei buruz zer? Errusiarrak omen, bizpahiru dirudienez. Errusiarren arketipoa zein ote zen? Handiak, txikiak? Auskalo! Euskaldunen arketipoari kasu eginez gero, gu hirurok ez genituen betetzen ohiko parametroak. Ni neu izan nintekeen, kankailuena nintzenez gero traje horretan sartzeko bakarra. Txurruta mozkote xamarra, txapela zuen salatari, baina Soriako nekazal inguru haietan antzeko adinekoen artean ez zen aparteko ezaugarria. Eta Joxemieli buruz zer esan? Gure basozaina, janzkera aldetik xelebre xamarra zen, eklektikoa? Bakeroak, tirantedun kamiseta baita egoera latzenetan ere eta bukatzeko amerikar bisera xelebrea. Zein ote errusiarren arketipoa? Eta kabala horietan ari ginelarik, tak! Etorri zitzaigun gogora egun horretan bertan, goizaldean, Abejarren bide bazterreko taberna bakarti hartan zeuden bi tipo bekozkodunak eta... aparkalekuan gure Potrosen ondoan ikusitako... BMW ederra. Haiek izan behar zuten narkoak. To! – Tira! Bazeukeat gurutzegrama honen erantzuna edo hori uste behintzat. Gaur goizeko bi giza-seme horiek, gogoratzen al duzue zer nolako autoa zuten aparkalekuan? Ez zegoen besterik! – Arrazoia duk, German! Hara zertarako balio duten ikasketek. BMWa huen! BMW galanta, gutxitan ikusitakoa eta beraiek, beste norbait komunean ez bazegoen behintzat, bi hituen, nahiko uzkurrak egia esan. Ez agurrik ez jaramonik ez ziguten egin kafea hartzerakoan. Malapartatuak! – Ba, horiek baziren, eta segur aski izango dituk, arazo larria zeukeagu esku artean, benetan arazo latza. Onddoen bazka bilakatzeko aukera guztiak gureak dituk lagunok –bota zuen Joxemielek biseraren hegala atzekoz aurrera jarriaz. – Horrek gainera esan nahi dik, seguruenez orpoz-orpo dauzkagula eta berandu baino lehen zerbait pentsatu beharko dugula bestela... – Bestela, pastela –bota zuen Txurrutak, momentu zailenetan ere errimarako ohiko zaletasuna martxan jarriz–. Ni kontrabandoan ibilia nauk eta halakoekin txorakeria gutxi. Armak izango ditiztek seguruenez, eta ez txoriak habiatik botatzeko alajaina! Beno lagunak, ez da izango lehen aldia halako ataketan barrena ibili naizena. Hara nire proposamena: Zuek biok segapotoak dituzue ezta? – Bai, halaxe duk Txurruta, zer ba? – Ba, orduan estaldura dagoen parajea bilatu behar diagu eta bide bazterrean, nabarmen Potrosen amua utzi, guk ezer susmatzen ez dugula sinistarazteko. Itxoiten egongo gaituk beraiek agertu arte: hi German ezkutuan errepidetik gertu eta beste biok, Joxemiel eta ni basoan barrena, ez oso urruti. Haiek iristean Potros ikusiko ditek eta orduan hik German “perdida” bat, horrela esaten da, ezta? – Bai, Txurruta, horrela duk. – Tira, ba! Esan bezala hik perdida bidali eta gu biok builaka hasiko gaituk basoan barrena, onddoak aurkitu ditugula eta batak besteari deitzearen planta eginez ozenki, errusiarrak guregana erakartzeko. Eta orain dator planaren zatirik arriskutsuena. Hi, Joxemiel, basozaina izan aurretik basomutila izan haiz eta badakik sua kontrolatzen ezta? – Bai, halaxe duk. Zer daukak bueltaka kaskoan Txurruta? – Gaur basoari sua emateko eguna proposa al duk, Joxemiel? – Basoari sua eman? Hi seko pitzatuta al hago? – Bai ala ez, Joxemiel? Egun aproposa duk? – Haizea bazebilek. Jakin behar duguna zera duk: non piztu sua, garrak haiengana joan daitezen eta noiz eman herritarrak, suhiltzaileak eta ahal den jende gehiena etor dadin, baita polizia ere. Joxemiel, ez al didak hamaika aldiz kontatu Sorian basoa sakratua dela, eta herritarrak beti erne eta antolatuta daudela, edozein sute piztu bezain laster pronto egoteko? – Bai, baina horrek zer konpontzen digu guri? Sua narkoengana bidaltzen badugu, haiek autora itzuli eta alde egingo ditek beste aukera hobe baten esperoan. – Bai, baina telebistak esan zian bezala telefono bat zeukeagu poliziari deitzeko, salatzeko. Gogoratzen? – Bai eta zeinek daki telefono hori, Txurruta? – Nik neuk gogoratzen diat, edo uste al duzue bakarrik bertsotarako erabiltzen dudala burua? – Halakorik! Benetan gelditu al zaik telefono hura kasko egoskor horretan? Ezin diat sinetsi! – Ba, sinetsi egidak zeren horrek salbatuko gaitik, salbatzekotan. A eta azken kontua German! Hik ere arrisku txiki bat hartu beharko duk hartza guregana ekartzen dugun bitartean. – Ze arrisku? – BMWaren lau gurpilak zulatzearena haiek basoan sartu eta ordu laurden batera edo, itzultzean ihes egin ez dezaten. Ados al gaude? Edo beste zerbait gehiago gehitu behar diogu plan zoragarri honi? Hasi ginen delako plan hura prestatzen: segapotoentzat estaldura egokia, Potros bide bazterrean, agerian, ni neu errepidearen alde batean eta Joxemiel eta Txurruta bestaldean, basoan barrena, ez oso urruti. Orain itxoitea besterik ez genuen eta aurreikusitako baldintza guztiak, edo gehienak, ondo betetzea, bestela narkoen eskuetan geunden eta ez bostekoa luzatzeko, alajaina! Denbora aurrera zihoan eta bizpahiru auto pasatu ziren Potrosen ondotik, batzuk martxa ahuldu eta gero berriro bizkortuz, eta besteak besterik gabe bere hartan jarraituz. Ordu erdi generaman jadanik esperoan urduri eta aztoratuta, ni neu bai behintzat, ikusita zertan gelditzen ari zen gure onddo bilketa xelebrea, hain justu BMW beltz bat ziztu bizian azken bihurgunean oldarkor agertu zenean, eta Potrosen parera iristean, bortizki galgatuz, hauts zirimola baten erdian gelditu zenean. Bi gizon atera ziren, ez zegoen hirugarrenik, eta arretaz miatu zuten gure ranroberra. Betaurreko beltzak kendu eta inguruetara begiratzen ari ziren basapiztia haiek jaka barrenetik pipa atera eta zilindro bana muturrean lotzen zioten bitartean, isilgailua izango zen. Badakizue, zinemazalea nauzue eta halakoetan halakoak egiten omen, ezta? Kaka egina nengoen, baina arnasa sakon hartuz “perdida” bidali nien bi lagunei, narkoak noraezean haizea usnatuz edo, nora jo ez zekiten une berean. – Nik emango dizuet pista, hartza maiteak, lasai egon. Eta halako batean basoan barrena, Joxemiel eta Txurruta builaka hasi ziren: Onddoak, onddoak! Etorri hadi ona gizona! Onddoak! Hau duk hau pagotxa! Ehiza txakurrak bezain fite joan ziren bi pistoladunak arrastoaren atzetik, onddozale kaikuen bila, otzan-otzan harrapatuko zituztelakoan. Orduan izan zen Txurrutak bere disko gogorrean gorde zuen polizia telefonoari deitzeko unea, eta bingo! Deia zuzena zen! Sute hasi berriaren berri eman nien, segapotoaren zenbakia agerian utzi gabe. Autoaren, narkoen eta tokiaren zehaztapenak eman eta gero, zegokidan bigarren zeregina betetzera joan nintzen arreta osoz eta BMWaren lau gurpilak zulo-zulo egin ondoren lubakira itzuli nintzen berriro. Sutearen lehen aztarnak sumatu nituen: aurrena kea pinuditik kanpo azaltzen eta U baten forma hartuz zihoan sugar mingaina, haizeak lagun, maldan behera gero eta azkarrago, narkoen ipurdia miazkatu nahian. Arrazoia zuen Joxemielek: errepidearen norabide batetik eta bestetik bat-batean suhiltzaile kamioi pare bat agertu ziren eta hainbat herritar, autoetan. Beste aldetik gainera guardia zibilaren Patrol batzuk, cuatrolatasa gidari, BMWaren ingurumaria hartua zuten justu bi narkoek autoaren gurpil zulatuak ikusi eta berriro basoan sartzeko ahalegin ustela egin zutenean. Ezin zen gehiago eskatu! Atzeko kapota ireki eta hainbat poltsa atera zituen poliziak eta pistolak kendu ondoren bilurrak ipinita, Patrol batean sartu zituzten gure atzetik etorritako gaizkileak. “Perdida” berri bat bidali nion Joxemieli –dena “onddo”. Itxaron ordu bete. Onddorik bai? Bitartean, herritar, suhiltzaile eta guardia zibilen dantza baretzen joan zen zalapartatsu bihurtutako leku hartan. Denbora aurrera joan ahala suhiltzaileen kamioia eta cuatrolatas benemeritoa gelditzen ziren soilik eta halako batean, aspertuta edo, kaboak alde egitea deliberatu zuen, gure Potrosen haizetakoan papertxo bat utzi ondoren. Misteriooo. Suhiltzaileek ere, egoera kontrolatu ondoren, bide bera hartu zuten eta hantxe gelditu ginen ni eta Vinuesako pinudia, Vinuesako pinudia eta ni aurrez aurre, bakardade misteriotsu eta sarkor hartan murgilduta eta gertatutakoa lagunei kontatzeko irrikaz. Azkarregi suertatu zen guztia, baina onik atera ginen. Bigarren “perdida, galdua edota izorra” bidali nuen: “Arranorik ez talaian. Itzuli” Dediooo! Gustukoa nuen ba halako txorakeria poliziakoak martxan jartzea aukera aproposetan, hau da, ia inoiz ez. Gaurkoak ordea, eleberri edo pelikula horietako baten osagai guztiak zeuzkan, bai horixe! Nire talaiatik jaitsi eta Potrosera hurbildu nintzen. Han zegoen kaboak utzitako mezu misteriotsua. Sherlock Holmes dixit: “Koartelillotik pasa zaitezte”. Trinko bezain zehatz eta aberats idatzita. Sekulako testu kondentsatua, esne potetan saltzen dena baino likitsagoa. Paperak, benemeritaren zigilua zuen izkina batean, eta usaintzen hasi nintzen, ez dakit zergatik. Lizun kirastua zerion, ahhhhhhgggg! Beharbada paper horrek urteak zeramatzan kaboaren alkandora olibondo-berdexkaren patrikan, besapeko izerdi amoniakatuaren laguntasun hurbiletik atera, ihesi nahian, sekulan bete gabeko bere funtzioa burutu nahian. Kaixo! batek kabala sasi polizialetatik nire onera ekarri ninduen, esku artean neukan papiroa ezustearen poderioz, airera jaurtiaraziz. Nire lagunak ziren, onddozaleak. – Zer daukak esku artean German? Potrosi norbaitek jarritako isuna edo? Kar, kar, kar. Marra horian utzi al dugu akaso? – Ez, gizona! Koartelillotik pasatzeko jartzen dik! Gure kabo guztiz ahaltsuak utzitako mezua duk. – Koartelillotik? Horrek dik umorea horrek! Ez duk uste, Txurruta? – Taberna baten izena ez bada, nik behintzat ez zeukeat handik pasatzeko asmo zipitzik. Beno ikusi nahi al duk egin dugun ehiza? Sekulakoa motel! Saskiari zapia kendu ostean ikusi nuen bai, ikusi beharrekoa: Bien artean lau onddo, besterik ez! – Hau al dugu arratsalde bateko kolpe famatua? Ederra egin dugu ba! Horrela jarraituz gero, hortxe-hortxe ibiliko gaituk Potrosen atzealdea betetzeko. – Ondo erabiltzen duk ironia, German! Eta arrazoia daukak, pinudi hauetan dirudienez ez zegok onddo alerik! Aurkitu ditugun apur hauek gainera harizti batekoak dituk, beraz beste paraje batzuk arakatu beharko ditiagu bihar, ezta, Joxemiel? Hik ezagutuko duk bazter itxurosoagorik, ezta? Keinu zalantzakorra egin ondoren, hitzik esan gabe Potrosen sartu eta Vinuesarako bidea hartu genuen. Gaua pasatzeko ostatua edo zerbait bilatu beharra geneukan eta asmo horrekin inguruetako etxeei errepasoa emateari ekin genion. Halako batean, herrira iritsi aurretik baserri antzeko bat ikusi genuen, neonezko argi batzuek “Setanas” izena nabarmen uzten zutela. Ez genion kasu gehiegi egin izenari, bertakoa izango zelakoan, eta aparkaleku bakartian utzi ondoren, sartu egin ginen. ATALA PHALLUS IMPUDICUS Sarrera dotorea zuen, egurra zen nagusi eta harriarekin nahiko egitura orekatua eta zahar estilokoa irudikatzen zuen. Sarrerako mahai baten atzealdean, apalategi txiki batzuetan, perretxiko eta ibilbideen informazioa, eta poster handi bat. Bertan “Phallus impudicus” izen zientifikoaren gainean delako perretxikoaren irudi ezberdinak, garapen atalak, agertzen ziren, hots: hastapenetako arrautza zuri baten itxuratik, oskolaren leherketaren ondoren, bertatik sortutako zakil zuri okertuak koroatzen zuen kusku arrosa ikusten zen ezkerraldean, eta eskuinean, azken urratsa non zakila guztiz zutitu eta zuzentzen zen kusku beltz, distiratsu eta lirdingatsuarekin bukatzeko. Kuskuak isurtzen zuen likido hartan euliak itzuli mitzulika zebiltzan, haren hats erakargarrian zorabiatuta edo. – Arrastion, jaunak, zertan lagun ahal zaituztet? Gaua pasatzeko asmoa? Afaltzeko soilik? Emakume heldu bat, 35 urte ingurukoa edo agertu zen gure aurrean tupustean, phallus impudicus hura begiztatzen ari ginenean. Emakumea benetan erakargarria zen eta are erakargarriago zegoen Erdi Aroko soineko batekin, non wonderbra historiko batek lehertzear eta ia-ia agerian uzten zizkion titi-marmitak. Phallusetik paparrera zuzenean pasatu ziren gure begiradak haren begi urdinekin topo egin aurretik. Irribarretsu egin zigun galdera eta era berean erantzun genion baita ere. – Ba, lekurik balego biak. – Egon badago, eta sobera gainera. Ez dago beste inor mementoz. Biharko bai espero dut jendea baina gaur aukera guztiak zuentzat dituzue, dena eskura, esaten den bezala –dena eskura pentsatu nuen nire artean. Hori egia balitz eskuak marmitan sartuko nituzke bete-betean. – Zenbat gau, jakin badaiteke? – Onddoen arabera –erantzun zion Txurrutak adurra zeriola–. Onddo asko badaude ondo egongo gara hemen, ezta lagunok? Irribarre maliziatsuak ihes egin zion hortz bakanak agerian utziz. – Ederki ba. Dirudienez eta nik dakidanez, Vinuesa inguruko pinudietan ez du kolpea eman –eta hori esatean, kolpe bat eman zuen harrerako mahaian, hiruroi begira, gure erreakzioa ikusteko hor nonbait, eta bularrek dar-dar egin zuten zartakoarekin batera, gure begiradekin batera. – A, kolpe famatua noski. Horren atzetik gabiltza gu ere, hain zuzen, kolpearen atzetik –eta Txurrutak ere bromari bidea egin nahian edo kolpea jo zuen, baina hautsontziaren gainean, sekulako jauzi mortala eman eta gero lurrean txiki arraio bukatzeko. Zur eta lur geratu ginen bai bera eta bai gu biok ere, baina emakumearen praktikotasunak gure onera ekarri gintuen berehala. – Lasai, jaunak, zuen gastuetan sartuko dut dena! –eta bereziki azpimarratu zuen DENA hitza beste, esanahi biribil, ilun, misteriotsuagoa eman nahian edo. – Nola ez, ba? Zuk DENA sar dezakezu gure kontuan... anderea? Edo andrea esan behar dugu?– zirikatu zuen Joxemielek. – Emakumea esatearekin aski duzue. Ez da nabarmena hala? –arrapostu egin zuen gerrikoa bere lekuan jarri nahian edo–. Afaria ordu bete barru egongo da, eta bitartean, nahi izanez gero herria bertan duzue edota are gertuago oraindik, hemendik hamar metrotara dagoen lokal gozagarria. Erreparatu al diozue ona etortzean? Egia esan erdi zorabiatuta geunden emakume puskaren inguruan txoriak sugearekin bezala eta ez, ez genuen ikusi delako lokal gozagarri hura oraindik, nahikoa genuen dohain haiek, mugimenduak eta xarma erakargarriari so egitearekin. Seguruenez gu herrirantz hurbildu ondoren, gure lerdeak utzitako arrastoa garbitu behar izango zuen. Ikusi genuen bai, delako lokala, putetxeek izan ohi duten izen xelebre horietako batekin, argi distiratsuen pean: Rosaura Pub. Amuari jaramonik egin gabe nahiago izan genuen, hirurok, herrira hurbiltzea basoerdi batzuk dastatzera. Interesatzen zitzaigun argirantz, hots, ardo usaina zuenerantz jo eta berehalaxe atzeman genuen kontuan hartu gabeko istorio baten partaide bilakatzeko zorian geundela. Setanas ostatuko emakume desiragarriarekin, erabat ahaztuta geneukan herri lasai hark, izan zuen iraulia mafia errusiarraren atxiloketarekin, baina teleberriari berriro ere, Molinos de Dueroko tabernan gertatu bezala, berriro ere gu sartzean, zerbitzariak, ttak! bolumena igo zion, hiru ardo eskatzen genituen une berean: – Vinuesako lurretan, Sorian, atxiloketa garrantzitsu bat burutu du bertako guardia zibilak, diotenez herritar arduratsu eta ezezagun baten laguntzari esker. Telefonoz jasotako informazio hori dela eta bi narkotrafikante errusiar atzeman ahal izan dituzte, eta autoan, bai diru zein droga kopuru garrantzitsua aurkitu diete. Ekialde hurbilean, ordea... Real Madrileko galaktikoek gose-greba bukatu eta prentsaurrekoa... Ttak, bolumena behera eta berriro sumatu nuen kolkoan, tamalez ohikoa bilakatzen ari zen begirada baten hoztasuna. Berriro ere zerbitzaria geneukan itsatsita lepoan, basoak xukatzen zituen bitartean, zotza ezpainetan, ezker-eskuin, dantzan. Tradizioa izango ote Sorian kanpotarrekiko jarrera hori? Jakin ezak! Lehen zurrutarekin batera, atea ireki eta nor agertu eta kaboa! Txakurraren bibolina! Temoso samarra bilakatzen ari zen “oso sare estua dugu” delakoa zegoeneko eta azkenean kupeltzar haren detektibe tankerako berezko dohainetan sinistu beharko genuke edo bestela herrialdearen tamaina txikian, non berandu baino lehen zozoak belearekin topo egiten duen nahitaez. – Uxuala atera ezak, “Txolo”. Arratsalde on, jaunak. Ez al duzue irakurri neronek utzitako papera? Prestatu gabeko erantzuna bat-batekoa izan zen tximistak jota bageunde bezala: zer papera, kabo? – Autoaren haizetakoan arratsaldean itsatsitakoa. – Ez, ba! Zer gertatu da, jakin badaiteke? – Ah, ez zarete enteratu? – Zertaz? Aaaa, telebistan esan dutenaz? Errusiarrak, atxiloketak?... Ba, ez! – Baina telebistaz jakin al duzue? Zuen 4x4aren ondoan izan da zalaparta guztia eta! – Eta guk zer jakingo genuen, ba, bueltatu garenean inor ez bazegoen? Bakarrik, hori bai, konturatu gara, sute bat izan dela inguruetan, ezta? – Bai, bai, beno, tira, horrek ez du ajola –herritarrek betozkoa jarri zioten– bi errusiarren autoa, BMW beltz bat hain zuzen, zuen land-roberraren ondoan zegoen atxiloketa burutu dugunean, zergatik izango ote zen? Kasualitate gehiegi ez duzue uste?– uxualari bigarren zurrupada eman zion. – Ba, halaxe izango da, kabo, sutearena izan den bezala eta narkoek herri hau aukeratzearena bezala ezta? Dena den, pozik egongo zara egindako atxiloketagatik. Suposa dezakegu zerorrek hartu duzula horren ardura nagusia? – Beno, bai, egia esateko halaxe izanda. Nik neuk gidatu dut operazioa hasieratik bururaino – Bai, hire cuatrolatas turbodieseletik ziur nago –etorri zitzaidan burura haren piura ikusita. Ba, zerbait gehiago jakin nahi baduzu, bihar arte gutxienez Setanas ostatuan egongo gara. Irribarre maliziatsu batekin zera esan zigun: – Setanas baino Satanas izena hobe datorkio. Kar, kar, kar.. Erne ibili sorgin horrekin, erdi sorgina baita, zinez. – Estimatua dago aholkua. Beno ba, hiruron izenean zera esango dizut: zorionik beroenak buruturiko atxiloketengatik, seguruenez erretirorako izan dezakezun domina hoberena izango baita. Oker gabiltza? – Ez, zuzen zabiltzate. Gertatu ahal zitzaidan hoberena gertatu zait, eskerrik asko. Izango gara. Alde egin genuen, bigarren uxualari heldu eta galtzak Obelix-gerri hartan hamaikagarrenean aidanez, birkokatzen saiatzen zen bitartean. Setanas ostatura sartu bezain laster sukaldeko usain goxoa antzeman genuen sarkor. Jangelan eseri eta sorgin zelakoa apain-apaina etorri zitzaigun hiruron begien gozamenerako, inor gehiagorik ez baitzegoen jangelan. – Gabon jaunak, gustura herrian? – Bai, bai jende atsegina dago, nahiko irekia, jakinmina borborka duen horietakoa ezta? – Tira, zuk hala baderitzozu. Nire gusturako nahiko uzkurrak, egia esan. Nahiago dut kanpoko jendearekin harremanak izatea. Baina utz ditzagun saltsa horiek eta heldu diezaiogun afariari. Ez duzue uste? – Beno, aurrena gelatik pasa eta dutxa bat hartuko dugu, presarik ez baduzu, emakume. – Segi, segi, ken itzazue gorputz horietatik egunak emandako izerdiak eta nekeak –esan zuen tonu sentsual batean, eskuekin lagunduriko keinuak soinean eginez. Halaxe egin genuen eta aurki eserita geunden zurezko mahai biribil batean, Arturoren zaldunak baino gusturago. – Tira, esaiguzu zer daukagun ba. Gugana hurbildu eta Erdi Aroko itxura zuen paper batean begiratuz, ezker-eskuin banatu zuen begirada eta aldaka mugimenduak, hasperen sentsualak boteaz. – Lehenengo platera, edo zainzuri erraldoiak ganbaz betetako arrautzekin, saltsa arrosaz hornituak, edo onddo-zopa baratxuriarekin, edota ahataren entsalada epela. Eta bigarrena zera duzue: idi buztana saltsan, arkume izterra errea edota orein haragi egosia. Eta postrerako sorpresa! – Sorpresa? Kontxo! –bota zuen Txurrutak–. Hori bai dela nire gustuko platera, sorpresa kopatxo batekin. – Esan behar dizuet nire etxe honetan, aukeratutako plateren konbinaketaren arabera dela postrean suertatzen den sorpresa. Baina gero gerokoak! Zer pentsatu duzue beraz? –gaineratu zuen irribarretsu. Neronek zainzuriak eta idi buztana, Txurrutak onddo-zopa eta oreina eta Joxemielek, aukera guztiak probatzeko asmoz, gelditzen ziren beste biak: entsalada epela eta oreina saltsan. Non ote zegoen delako sorpresa hura? Egia esan platerak zerbitzatzen zituenean emakumearengana joaten ziren begiak oro, eta alde egitean haren ipurmasailen dantza zuten jomuga. Leku segurura etorri ote ginen, edo akerra zebilen dantzan etxe hartan? Lehendabiziko kolpe estetikoa, nolabait esatearren, nire platera aurkezterakoan jaso nuen. Emakumearen irribarre berezia, bularrak ohi baino gertuago platera jartzerakoan, belarrira esandakoarekin nahastu ziren: ezohiko zainzuria da, laztana, ikusiko duzu. Eta baita izan ere! Hura zen zainzuria hura! Inoiz probatu dudan “cojonudo” horietako batek ere ez zion urrik ematen! Hura zainzuri zantarra! Zerbait izatekotan “mega cojonudo” izan beharko. Dedio! Plateraren erdi-erdian zegoen ezkerrerantz zertxobait okertuta eta alboetan, behealdean, bi arrautza, ganbaz beteak. Zainzuri erraldoiaren muturrean, saltsa arrosaren arrastoak isurketa zirudien. Begiratu nion, eta irribarretsu begiratu zidan. Ai ene! Ai ene! Uzkian hazkura antzeko bat nabaritu nuen eta ipurdia mugitu nuen aulki gainean, deseroso. Dediooo! – Barkatu! –esan nion, txistua zailtasunez irentsiz– baina beharbada aurkezpena egitea komeniko zen, ongi baderitzozu. – Nola ez! Ni Rosaura nauzue –bota zuen ohikoa bilakatzen ari zen nagusitasun deserosoa erabiliz– ostatu honetako nagusia, eta zuek? – Kontxo! Aurreko pub hori bezala ezta? –irribarre egin zuen berriz ere emakumeak eta mingaina atereaz ezpainak milizkatu zituen–. Bixera duena Joxemiel eta txapelduna Joxe Fermin. Ni neu German nauzu. – Pozten naiz zuek ezagutzeaz eta espero dut gustura egotea nire etxean. Nik behintzat ahaleginak egingo ditut, ziur egon! Zer gehiago eskatuko genion ba gau hari? Emakume eder bat, primerako janaria eta harmonian egotea! Nahikoa! Dena primeran zihoan, ardoa barrenak berotzeko lagun genuen eta platerak bereziki onak ziren, gustagarriak, zapore arraro baina erakargarriaz jantziak, inoiz dastatutako goxoenak, hiruron iritziz. Poliki-poliki konturatu ginen nolabaiteko lasaitasun bat sartzen ari zitzaigula barrenean eta nik neuk behintzat beste itxura bat antzematen nien aurrean neuzkan Joxemiel eta Txurrutari, itxura xelebrea egia esan. – Aizue! Zuek ez duzue sumatzen zerbait arraroa? Ondo ikusten al nauzue? Nik txinpartak eta guzti ikusten ditiat, benetan! Baina sekulakoa zegok janaria, ez al da horrela? – Bai, German, ni ere arraroa sentitzen nauk, baina gustura era berean. Dena den hazkura pixka bat koskabiloetan hori bai. Zuek ez? –eta Joxemieli begiratu zion erantzun bila – Tira, ba... zer nahi duk esatea... Ez nian aitortu nahi baina, egia esan potroak handitzen ari zaizkidala iruditzen zaidak. Sekulako presioa sumatzen diat. Irudikeria ote? Ni isilik gelditu nintzen baina hazkura eta presioa ez ziren ezer nire zakila hartzen ari zen tamaina ikusita, edo hori uste nuen nik. Ez nuen txintik bota baina odolkia azkarregi gizentzen ari zen, inoiz ez bezala, aspaldiko partez. Goiherrikoa baino, Burgoskoa gauzatzen ari zela zirudien, sendoagoa alegia, arrozak ematen dion trinkotasun horrekin. Hau kuxidadea!–. Zer kristo gertatzen ari zen? –uzkian berriro ere hazkura bortitza. Ardoa gora eta behera zebilen, irribarreak nonnahi, kantari, zurrupa artean –cuando vamos a Otxandiano...– eta emakumea aurrera eta atzera gure hitz ederren artean, platerak kendu platerak jarri, irribarreak bota, ipurdia dantzatu eta zoramena nagusitzen. Gure mozkorraldiarekin batera, zirudienez, gure hirugarren hanka ere, hor nonbait, gora zihoan, nahiz eta harekiko ardura galdu samarra izan hordialdi hartan. Eta postrea iritsi zen halako batean. Gu ez ginen konturatu uneaz eta etxekoandreak, Rosaurak hain zuzen, abisatu egin zigun gure zalaparta eroaren erdian. – Joxemiel, German, Txurruta, postrearen sorpresa iritsi da eta irabazlea nor den erabaki behar dut. Altxatu eta zatozte gelako erdigunera, mesedez. Elkarri begiratu eta pozaren pozez, kantu kantari, besarkatuta altxatu ginen, balantzaka, zalapartaka, Giocondaren irribarrea baino bost aldiz handiagoa eta zozoagoa gure aurpegietan marraztuz – kalian gora kalian bera, kalian gora zezena ai, ai, ai, aiii... – Tira, tira, zoro halakoak, bai alaiak zaretela euskaldunak! Ez nuen uste hainbesterako zenik zuen jateko eta edateko zaletasun famatu hori. Egia esan ez ditut gehiegi ezagutu, ostatu hau ireki dudanetik. Pausa zaitezte eta jarri tente aurrera begira. Miaketa egin behar dizuet. Miaketa? Zer miaketa? Orain kuartelilloa ez zen kuartel kamuflatu batean ote geunden ba? edota benemeritaren amarrua izango ote zen. Putiklub komandoa?... Satanasen koskabiloak! “Rosaura sarjentoa” ote zen hura? Segada bat genekien guztia botatzeko, txahala botatzen den bezala? “egiaren makina”–ren bertsio soriarra? Harrapatuta gaudek! –pentsatu nuen hordialdiaren atsedenaldi zuhur hartan. Gureak egin dik! Harrapatu gaitiztek! Oso sare estua diagu Sorian. Dediooo, sumatu nuen berriro ere uzkia estutzen ari zitzaidala, arriskua gertu ikusten dudan bakoitzean gertatzen ohi zaidanez. Eta justu galdeketa ekidinezinaren zain nengoenean... Danba! Rosauraren eskuak nire... zeraren zera, heldu zuen. Aita Santuaren izenean! Baina zer zen hura? Begiratu nuen nire hordialdian, presioa sumatzen nuen organorantz eta organoa baino hordagoa zegoen Rosauraren eskuetan. Sekulako adarra, nik ez dakit noiz, aspaldiko loalditik atera eta gela hartako kutsadura akustiko zein atmosferikoa usnatu nahian bezala sabaira tinko baino tinkoago begira zegoen zakilotea. Hura guztia nirea ote? Ba egia izan inoiz ez gaituzte elkar aurkeztu. Zakurraren bibolina! Nik haiei begiratu eta haiek niri begira zeudela konturatu nintzen, baina ez niri, baizik eta nire tramankuluari eta orduan konturatu ziren ni ere haienei so nengoela eta Rosaura estutzen ari zena ez zela beraien eskua “ondoloin” esateko, baizik eta kirtena eta orduan pozarena baino, izu aurpegia jarri zitzaigun hiruroi, Rosaurak miaketarekin jarraitzen zuen bitartean. Gu, onddozaleok, mozkortuta, baina zutik, alai baina harrituta, harrizko irudiak bilakatu ginen, ezdeusak, Rosauraren errepaso sasi-mediko-erotikoa burutzen ari zen bitartean eta burua mugitzeko gauza besterik ez ginen. Portzelanazko irudien jitea hartzen ari ginen, zurbilak goitik-beheiti, logikoa denez, zeren halako “herremintxek” seguru aski gorputzean genuen odol guztia xurgatu baitziguten. Erekteioneko zutabeak baino zuriagoak, zurbilagoak geunden, Buster Keaton, zinema mutuaren komiko xelebreak zuen aurpegiaren parekoa erakutsiz. Bukatu zuen, hor nonbait, Rosaura sorginak miaketa, gure inpotentzia fisikoa –ez erotikoa, noski– profitatuz eta sorpresaren irabazlea izendatu egin zuen, gure izerdi hotzaren tantak bularrean behera zihoazkigunean, zilborrera bidean, kontrolaezinak, kirtenarekin tupust egin arte. – German, zeu zara irabazlea, laztana. Zure dohaina besteena baino ederragoa da, garbi dago. Ez duzu uste, maitea? Nik ze uste eta zer odoluste! Edo bueltatzen zitzaidan odola gorputzera edo ez nintzen gauza ezta pauso bat bera ere emateko. Ni irabazle? Zer ondo! Eta? Zein zen hurrengo urratsa? Zakila kanabera bezala erabiltzea baleak arrantzatzeko Duero hurbilean? Santo Tomaseko txerriaren koskabiloak! Hura zen mina, hura, astazakil hartan! – Ba, zer nahi duzu esatea Rosaura? Sekulan ez naiz ataka honetan egon eta ez dakit zer jan dugun baina nire platerean behintzat neurriz kanpoko zerbait jarri duzu laztana, eta ez hartu gaizki gero! Ez al dago presio hau baretzerik? Bestela tximiniak eztanda egingo dit! –aurpegian keinu errukior bat izan zitekeenaren zantzua sumatu nuen–. Izango al zuen gupida sorginak? – Bai laztana, presioa jaitsiko diot berehala, lasai egon, baina bitartean zure lagunei ere zerbait eskaini beharko diegu. Ez ditugu horrela utziko gizajoak ba? Ez duzu uste? – Bai, hala izan beharko du, zeren Txurruta gizajoak bizpahiru kolore behintzat hartu baititu jadanik eta ez dut uste hori oso normala denik, ez alajaina! Sekula halakorik! Rosaurak ez zuen askatzen nire trastua hitz egiten zuen bitartean eta ni, nire lagunak bezala, Iparragirreren estatua baino gogorrago nengoen gela erdian nire sorginaren esanetara. Beharko! Agian apo bihurtzeko ahalmena izango zuen. Nork daki! – Zuentzat, Joxemiel eta Txurruta beste sorpresetxo bat daukat. Gau berezi batean etorri zaretenez, hain zuzen ilargi betea den honetan, hirurok Bonolotoan bezala saria duzue, hots: akelarre gaua! Akelarre berezia? Ai ene! Ez genuen ba bukatuko larrututa eta zikiratuak, gure onddo-bidaian, gigolo-panpinaren papera beteaz? Zer larru mota egingo ziguten etxe hartan? Halakorik! Zeini tokatu gau zoroeroa, eta guri! Oiartzun eta Donostiako hirukoteari! Barre ala negar egin behar genuen ba? Eta halako kabala aluzinogenoetan barna nenbilenean, hara non sartzen diren gelan lau neska puska larruz jantzita cat-woman-en antzera. Sado? Maso? Paso! otu zitzaidan bat-batean!!! Eta ihesaldirako pauso bat emateko imintzioa egiterakoan, Rosaurak, tak! Berriro estutu zuen eskuetatik ihes egin nahian zebilen adar begiduna. Hura presioaaaa...!! ! – Akelarrea? –oihukatu zuen Txurrutak. Ni pertsona arrunta naiz, beste bi hauek bezala, ustez! Eta askoz jota hilabetean behin joaten naiz whiskeriara, baina oso klasikoa nauzue sexu kontuetan, benetan diotsuet! Baina klasiko-klasikoa! Ez nago gauza handietarako, neska maiteak, eta are gutxiago akelarretarako–. Begirada errukior bat barreiatu zuen larruzko emakume sentsualen artean, Joxemielen begiekin topo egin zuen arte. Erruki, jaunaa! – Nitaz zer esango dizuet ba, lagunak? –Joxemielek hartu zuen erreleboa, ahots dardarizoarekin–. Pozten naiz erabat gu aukeratu izana, nahiz eta galdetu ez, baina nola esan? Gu aho beroak bai, baina gure espezieko gehientsuenak bezala segituan hozten diren horietakoak gara, behin desiratutako emakumea aurrean jarri ondoren. Estimatua dago eder halakoak, baina koadro surrealista honen aurrean, nik neuk Joxemiel basozainak, zera esan behar dizuet: gelara noa, bainu hotz bat hartzera eta... gauzak, edo hobe esanda, trastoa bere onera datorrenean lo egiteko asmoa daukat zeren onddo-egun klasiko bat izan behar zuenak hondoa jo ondoren, gorputza atsedena eskatzen ari zait, ozenki. Ulertuko duzuelakoan agurtzen zaituztet. Gainera, ezkondua nauzue eta fidela, bai! Fidel Castro Cubarekiko dena baino fidelagoa. Hori esaterako bazuen gure Joxemielek emakume-gidari bat azpiko giderrari helduta sofarantz gidarazteko, eta bestea atzetik larruzko zartailua astinduz airean, diseinuzko gorputz hura sentsualki dantzatuz. Joxemielen ipur-masailak aurrean zituela, noizean behin zartako bat ematen zion: –Zast! Zegoeneko hirurak biluzik geunden akelarrearen sorginak ziruditen emakume haien eskuetan –transkripzio literala– eta ni neu baita ere, sorginen erregina zirudien haren esanetara. Gure hordialdi aluzinogeno hartan, noraezean, gauak luze jo zuen, jo ta jo, sorgin haien esanetara, gure tximiniak sua eta garrak botatzearen poderioz baretu eta ezdeus bilakatu ziren arte. Han gelditu ginen edozein aireportuko maleta zaharrak bezala hankaz gora, lerdo aurpegiarekin, gustura baino gusturago seguruenez, eta gure onera itzuliz poliki-poliki, egunsentiaren lehen izpiek begietan kosk egiten ziguten bitartean. Hamaika ikusteko jaio gara! Baina halakoa, bizitzan behin! Altxatu eta elkarri begira gelditu ginen zer egin jakin gabe, barre edo negar edota biak batera eta gelan zehar barreiatutako galtzontzilo, galtzerdi, galtza, alkandora eta bestelakoak jaso eta jantzi ondoren gelara abiatu ginen, hustuta zirudien ostatuko zokoetan sorgin gosetiak aurkitzeko beldurrez. Gelako trasteak hartu eta harreran ustezko ordaina utzi ondoren aparkalekuan jarraitzen zuen Potros bakartian sartu eta ziztu bizian alde egin genuen, nora jo jakin gabe, nahiz eta bart gehiegi jo. ATALA CLITOCYBE COSTATA Ez zen hitzik izan gure artean, bat-bateko ihesaldi zoro hartan, inork ez baitzekien zer egin eta nola kontsola. Garbi zegoen gauza bakarra, Setanas ostatutik eta bertako biztanle sorgindu larrujoleengandik ahalik eta urrutien egotea zela xedea. Asmo horretan, eta bakoitza burutazio pertsonaletan murgildurik, gertatutakoa eta ez gertatutakoa definitu edota gogoratu nahiaren ezinezko ariketetan, erabateko isiltasunean eraman gintuen Joxemielek bide zoko batera eta isilune konplize hartan lo seko gelditu ginen ranrobe barruan, ez dakigu noiz arte. Loaldia ez zen batere barea izan nire kasuan behintzat, eta amesgaiztoak arrapaladan zetozkidan burura, oraindik ere auskalo zer nolako edabe magikoren menean nengoelarik, behin eta berriro esnatu nintzen izerdi patsetan, berriro ere loaldi gatazkatsuaren besoetan murgiltzeko atsedenik gabe. Sexu grina eta izua nahasian zebilzkidan gogoan barna Setanaseko Rosa- (h)ura dantzatzen ninduelakoan, behin eta berriro. Eta horrela eman genuen loaldia egunsentian ihes egin eta eguerdi aldera, berriro ere zakilaxut esnatu ginen arte. Ginen diot, bai zeren oraindik ere, ez gaueko neurri eskergetan baina bai tente geneukan hirugarren hanka. Noiz bukatuko ote amesgaizto hura? Burutazio horiek airean pixa egiteko asmoz atera nintzen Potrosetik, aldez aurretik inguruetan norbait zegoen begiztatu ondoren. Errekasto baten soinua zebilen kantari inguruan eta nire emaria gehitzera hurbildu nintzen. Txorrotak sekulako presioarekin atera ondoren izutu ninduen, kontrolaezina baitzen oraindik ere. Suhiltzaileen tutu malgua zirudien, bat-batean ezusteko haize bafada batek, errekara joan behar zuen pixa-erreka zegokion norabidea bete beharrean, gora egin eta bueltan bidali zidanean. Ezusteko gertakizun hura ekiditeko asmoz, errepiderantz jiratu egin nintzen une berean, hara non pasatzen den jubilatuen autobus bat eta ia-ia, zakiloaren ikuskizuna lagun, bizpahiru sigi-saga egin ondoren errekan bertan erortzeko zorian egon zen. Gehiegizko amesgaizto harekin bukatu beharra zegoen hala edo hola. Urduri baino urduriago 4x4ra bueltatu eta lagunak esnatzen saiatu nintzen. Seguru aski, nik neuk lotan nengoenean egingo nituen jira-bira, espasmo eta antzeko bakarrizketa zoro ulertezinetan murgildurik zeuden. Nik gernua kanporatzeko egindako prozesu berberari ekin aitzin, jakinaren gainean jarri nituen, badaezpada. Azkar erabaki behar genuen zer egin ataka hartan. – Begira, lagunok –esan zuen Joxemielek–. Nik daukadan sentsazioa ezjakin, memelo batena da, non normalak ez diren gauzak gertatzen ari zaizkigun, bata bestearen atzetik. Hau ez da batere arrunta, ez duzue uste? Onddoetara etorri eta halako xelebrekeriekin topo egitea? – Ni ere hala nagok, Joxemiel... Sekula hain denbora gutxian ez zaizkit hainbeste ezuste suertatu. Onddoetara joan naizenean onddoak topatu ditiat eta kitto! Baina ez nauk narkoekin eta sorginekin topatu. Hau deabrukeria ostia bat duk. Begizkoa bota zigutek! Soriatik alde egin behar diagu lehenbailehen. Derrepente. Agur onddoak eta agur bestelakoak. Ni baniak hemendik! – Ados nagok hirekin, Txurruta, saltsa gehiegi gertatzen ari zaizkigu gauza onerako lurralde honetan. Nora joko dugu, Joxemiel? – Tira, bide honi jarraituz gero, Errioxako Cameros aldera aterako gaituk eta pare bat ordu barru ikusiko diagu. Zer deritzozue? – Goazemak hemendik! –bota genuen biok. Azkar! Adostasuna erabatekoa izan zen eta kapar odolzalea baino okerragoa bihurtutako Soria atzean utzi eta bortuan gora abiatu ginen inguruari batere erreparatu gabe. Bortutik ederki antzematen genuen bi lurraldeak banatzen zituen mendikate dotorea, eta Errioxarantz begiratuz, Soriako pinudi ederrak lurgorri bilakatzen ziren amen batean, nolabaiteko tristuraz jantziz Cameros alde hura. Behin beherantz hasita errepidea gaiztotu egiten zen, bihurritu alegia, eta mantsoago gidatu behar izan zuen Joxemiel presatiak. Bazirudien Satanas akuiluarekin xaxatuz generamala orpoz orpo baina erne ibili beharra zegoen malda eskerga haietan. Abiadura moteltzearekin batera gure buruak eta gorputzak ere mantsotzen joan ziren, baina hala ere inork ez zuen deus esan akelarre gauari buruz, ez baikenekien zehatz-mehatz zer egin genuen bertan. Gauza jakin bakarra zera zen: minberatuta genuela hankartekoa, arras minberatua. Denboraren poderioz, gure kaos mental hartan, bidaiaren helburua ahaztua, gure Grial santua berreskuratzen joan ginen, hots: Soriara etorriak ginen. Zertara? Onddoak bilatzera! Onddoak! Eta autodefentsa mekanismo hura berriro ere martxan jarri ostean, Potrosen talaia mugikorretik inguruak usnatzen hasi ginen zerbaiten bila: pagadi, pinudi edo harizti baten bila, hain zuzen. Halako batean malda biluzi hartan nolabaiteko irla berde bat antzeman genuen bailarako behealdean erreka baten magalean. – Ikusten al duzue –esan zuen Txurrutak onddo– sena berreskuratuz. – Zer, Txurruta? – Han behean, eskuinalde komendi aldean pagadi bat, pagadi eder bat. – Bai, bai ikusten diat, eta? – Ba, hobe dugula lehenbailehen muturra bertan sartzea, ez badugu esku huska itzuli nahi. – Esku huska? Zer duk hori, Txurruta? Bertsoetan hasi behar haiz berriro hala? – Esku hutsik gizona! Horrela esaten ziotek ipa-rraldean eta kontrabandistok ezin diagu inoiz esku huska itzuli. Inondik inora! Kar, kar, kar. Tira! Urak bere onera etortzen hasiak ziren zorionez, Txurrutaren umorearekin batera, eta hirurok barrez hasi ginen hitz jokoetan hain trebea zen gure baserritar-kontrabandista-onddo zalearekin. – Txurruta, ez al daukak bertsoren bat pasatutakoak pasatu ondoren? – Beti zegok bertsoren bat, German, nahiz eta gogoratze hutsak oilo ipurdia jartzen didan. Ea ba zer ateratzen zaidan! Setanas deitzen omen zen ostatu hura bertako nagusia zen delako Rosaura Hasieratik zeukan zerbaiteren gura geroztik garbi zegon ez zela dirua. Zerbait bota zigun bai sorginak plateran eragina izan zun zakilan segidan. Auskalo zer egin nun nik gau zoro hartan dena delakoa-uztagun lagunak Sorian. – Ederra, Txurruta, ederra! Gustura sentitzen hasiak ginen berriz ere, justu bortua jaitsi eta begiztatuta genuen bidezidorrak pagadirantz joateko aukera eman zigunean. Errekasto garden bati paralelo jarraitzen zion pistan barna emeki-emeki aurrera egin genuen pagadiaren oinetara iritsi arte. Saskiak atera eta hamaiketakoari ekin genion, zahatoa dotore astinduz. Hodei guztien azpitik eta sasi guztien gainetik egon nahi genuen, arazorik gabe alegia, txerriki, gazta, ogia eta ardoa lagun, eta are garrantzitsuagoa zena: hasi aurretik barnean geneuzkan gogoa eta grinari eutsiz: onddoak, onddoak. – Oraingo honetan bai, lagunak –esan zuen Txurrutak, pagadi txiki hura ikusi bezain laster, eta hirugarrenean agidanez, ekin genion bakoitzak mutur batetik miaketari. Ordu bat nahikoa izan zen goiti beheiti pago sail hura arakatu eta emaitza ederrak, benetan ederrak jasotzeko. Saskiak lepo geneuzkan hirurok, bai jauna! Gauzak konpontze aldera zeudela zirudien behingoz. Onddo beltz ederrek eta gorringo batzuek betetzen zituzten gure saskiak. –Ekaitza eta gero, barea– etorri zitzaidan gogora. Hura poza eta hura pena zeren eta pagadiak ez zuen gehiagorako ematen. Beste baten bila joan beharko, baina pozik halere! Irribarrea azaldu zen gure bisaietan eta korrika abiatu ginen baso gehiagoren bila, txapel goxoen xerka. Behin mendi aldapatsuek inguratzen zuten bailara eder hartan murgilduta, ezker eskuin “perretxikoak biltzea debekatua” kartelak ikusten hasi ginen. Yin-yan seinalea hor nonbait: alde batetik adierazten zigun leku aproposean geundela eta bestetik... izorra hadi! Pagadi emankorrari etekina atera ondoren, ez ote genuen izango ba aukera gehiago Cameros aldean Potrosen atzealdea onddoz lepo jartzeko? Patu beltza berriro ere atzetik ote belarri-puntak erakusten, otsoak ardiari bezela? Kalkuluak egiten hasi ginen. “Auto gutxi inguruetan, inongo zigilu ofizialik ez karteletan, baso eskergak nonahi, pista ugari eta mugimendu gutxi”. Beraz? – Hau bertako norbaitek jarritako abisua edo amarrua besterik ez duk izango. Horrela kanpotarrak izutu eta dena etxerako, ez duzue uste? Nik ez nioke jaramonik egingo. Sartu pistan barrena eta guk geureari eutsi. Zer deritzozue? – Egia da kartel horiek ez dutela inongo zigilu ofizialik. Seguruenez hik esandakoan arrazoia izango duk baina dena den erne ibili beharko, ez baitzekiagu hemengoek nola jokatzen duten kanpotarrekin. Hainbat nafar bezain astapitoak badira, gurpilak zulatuta egon daitezke itzultzerako. – Nik badaezpada alde egingo nuke hemendik –bota nuen nik, beti bezain segurola. – Alde egin? Ez al duk ikusi pagadian jaso duguna? Hemen zegok pagotxa motel. Hemen eta ez beste inon. – Arriskatzen ez duenak ez dik ezer jasotzen. Ni proba egitearen alde nagok German. – Tira, ba! Zuek zarete adituak, ni zuen esanetara, mementoz. Berriro ere abentura zantzuak nahasten ziren gure bidean, altxorraren usainak aztoratzen baikintuen. Eskuineko mendirantz jo genuen pista batetik. Inor ez inguruetan! Inpresio ona geneukan. Pista ehun bat metro gorago bitan banatzen zen, ranroberretik jaistea erabaki genuenean. Pagadiz inguratuta geunden eta sentsazio onez mukuru. Berriro ere saskiak txapelaz betetzea zen gure helburua. Eta prestaketa burutzen ari ginenean marru latzak entzun genituen nahiko gertu. Behin eta berriro. Deiadarrak ziruditen, deiadar ozen errepikakorrak, basoaren leku ezberdinetan erantzuna jasotzen zutenak. – Tira, basozaina, zer kristo duk hori? Beti zu talde marrularia? – Ez, jaunak, oreinak ditugu marru horien jabeak. Susan dauden orein arrak, plan bila, eme bila, ezusterik ez izateko bakean utzi beharrekoak. Entzuna nuen paraje hauetan, Cameros aldean, asko zirela eta orain, udazkenean, sekulako marruak ateratzen omen. – Ba, nik badaezpada argazki makina eramango diat aukeraren bat eskura jartzen bazait, baliatzeko. – Erne ibil hadi German eta ez hurbildu. Dena den beraiek hi baino azkarragoak dituk eta usaindu bezain laster alde egingo ditek. Edo emeek ez agian? Kar, kar, kar. – Zer esan nahi duk? Usain txarra dudala ala, kontrabandista simaurduna? Barrez aldendu ginen, ohi bezala ordua jarri eta segapotoak piztuta, bakoitzak bere bideari helduz. Aurreko saioaren arrakasta akuilu, erabat ausart sartu ginen pagopean, noizbehinka agertzen zen garoa, makilarekin aldendu eta agerian utzitako oinak aztertuz, txapel zoragarriaren bila. Maldan gora, eskuinera, berriro gora, beste lagunengandik aldenduz, ustez aurkituko genuen altxorra gure eta ez besteen zain zegoela, ibilaldi lasai baina etengabean, marruak suertatzen ziren ingururantz inkontzienteki iritsi nintzen. Ez nuen honako honetan hainbeste onddo aurkitu baina tira, aurkitutakoak ederrak ziren, benetan txorten potolo zuri eta trinkoarekin, oraindik gaiztotu eta ukitu gabeak. Beste dozena erdi bat ere baneukan, txikiak guztiak, baina deigarriak benetan: kirtena txapela bera baino handiagoa kasu batzuetan eta bestetan ia parekoa, bolatxo edo arrautza potolo baten antza hartuz. Bat-batean marruek nire arreta erakarri zuten. Nahi gabe gertu nengoen, oso gertu hor nonbait eta saskia utzi ondoren, argazki makina atera eta tentuz, zalaparta hura sumatzen zen gunerantz jo nuen. Han zeuden oreinak, arra eta emea, biologo batek esango lukeen bezala “ ugalketa zereginetan, sar eta har, sar eta har” Dedio! Argazki ona benetan atera nezakeen. Unibertsitateko biologia lagunei erakusteko modukoa. National Geographic-en zabaltzen dituztenen parekoa. Tira, arreta jarri behar nuen, argazkia ez hondatzeko. Nik ez jakin arren bazirudien haizea eta martingala horiek guztiak neure alde nituela eta bikote sutsua ez zela nire presentziaz ohartzen, ezta beharrik ere! Koadro, fokatze eta... klik! Klika izan zen nire galzoria. Klika entzun zuen ar hark. Klikak hondatu zuen une hura. Klikerantz abiatu zen orein arra, emea ikuskizunaz gozatzen ari zen bitartean. Klik batean atera nintzen sastraken artetik korrika maldan behera, oreinaren adar ederrak nire atzetik. Klikak haserre bizian jarri zuen amorantea. Klikak adarrak jarri ote zizkidan niri, orein ar haren begietan, etsai lehiakor bat bezala agerraraziz? Klik-klak batean harrapatu ninduten arraren adarrek, ti-ta pago baten adar makurraren gainera botatzeko, hankaz gora utziz zintzilik, trauskilduta. Egoera ezgauza horretan ikusita marruak egiteari ekin zion nire muturren aurrean aspertu eta seguruenez birikak hustu zituen arte. – Aski dugu, aski dugu –pentsatzen nuen nire artean, buruz behera zintzilik Jabugoko izter bat bezain saldurik nengoela–. Joan hadi hire emea estaltzera adardun arraio hori eta utz nazak bakean. Berriro ere onddo bilketak aurpegi latza erakutsi behar ote zigun? Odol guztia burura erori eta neuronak ito zizkidan ia-ia konortea galtzeraino. Ezkerrak adarra hautsi zela kulunkaren ondorioz, bestela han nengoke oraindik. Lurra jo nuen. Jipoituta, izorratuta, zorabiatuta, ubelduta eta sekulako malaostiarekin, saskiaren bila abiatu nintzen tentuz, tentu handiz, berriro ere aukerako tonto erabilgarria ez bilakatzeko Romeo oreinaren aurrean. –Behin bai, birritan ez alajaina! –Saskia aurkitu, aurkitu nuen baina hankaz gora eta onddorik gabe, atal batzuk baizik ez ziren gelditzen. Besteak seguruenez, zoritxarrez, bikote basatiaren sabelean egongo ziren eta nik behintzat ez nuen toki horretan, adardunez inguratuta jarraitzeko asmorik, beraz herrenka, ahal bezain lasterren, “txekpoint”erantz abiatu nintzen. Han zeuden nire lagunak eta hurbildu ahala ahoa bete hortz baino, tunela bete kamioi zirudien haien harridurak. – German, zer gertatu zaik? Hori duk piura, hori! – Zer duk gizona? –bota zuen saskia Potrosen atzealdean jartzen ari zen Joxemielek. – Izan, izan egia esan deus. Ez onddorik, ez ezer. Neuzkanak testosteronaz gainezka zegoen orein adardun batek jan zizkidak. – Oreinak? Oreinak eraso egin dik? Ez ezak esan! Nola liteke? – Noraino joan haiz, ba, German? Larrutokiraino? Kar, kar, kar – Ba, argazkia eta dena atera zieat adardun horiei, eraso egin aurretik. Aizue, hau ez da ba izango berriro ere gauzak okertze bidean jarriko diren seinalea? – Gaizki jarri? Bai zera! Begira ezak guk ekarritakoa motel! Hori onddo piloa! Baina tira, adarrak gutako batentzat besterik ez direnean, hainbestean! Kar, kar, kar. Eta halaxe zen. Bi saskiak gainezka zeuzkaten, lagunek tamaina guztietako onddoz josita. Irribarre zabal batek zeharkatzen zuen haien aurpegia eta gustura zeudela aisa antzematen zen... Eta berriro ere algaraka, tripak bota beharrean hasi ziren nire piura ikusterakoan. – Tira, German har ezak ardo pixka bat urratu horiek sendatzeko eta botikina aterako diagu, garbitu ondoren tirita batzuk jartzeko... adarretan! Kar, kar, kar. – Bai zera! Tiritak jarri egizkiok hire ranroberrari nahi baduk, Txurruta! – Et, et, et! Hori ez duk unibertsitateko irakasle batek arazo baten aurrean erakutsi behar duen patxada. – Beno txorakeriak utzita. Zer egin behar dugu? Ni berriro ez naiz alde horretan sartuko eta zuek ere hobeto zenukete beste alde batera begiratzea, badaezpada. – Tira, gure aldetik ados. Beste aldean baso ederra ikuskatu dugu eta agian merezi du hura arakatzea. Goazen, ba! Eguerdirako ordubete eskas falta zaigu eta ogirik gabe gaude otordua egiteko. Agian herri batera hurbildu eta erosketa batzuk egitea komeni zaigu, ez duzue uste? Hemengo txorizo eta gazta famatuak dira. – Eta adarrak... Tira German alda itzak trapu horiek, zibilizaziora goazek eta! Abiatu ginen ba gertu zegoen herri baterantz eta denetariko horietariko batean sartu ginen. Bai, denetariko! Denetariko baitzegoen mini-hiper-taberna-denda hartan. Barrak berdin balio zuen tabernako mostradore bezala, zein sukaldeko garbigarriak edota jakiak saltzeko. Gure berriketaldiaren soinu maila ozenago jarri behar izan genuen, han ez baitzen inor ageri eta. Halako batean iluntasunetik gizon bat agertu zen, nahiko heldua eta mantalaren lokarrian zintzilik zeraman trapu batekin mostradorea garbitzeko itxura egin zuen, eguerdi on! baten ondoren. – Zer nahi duzue? Onddoak bilatzeaz gain? Elkarri begiratu genion harrituta, ateraldi hura zela eta. – Hain nabarmena al da? – Bai, batik bat txapelan eta arropan daramatzazuen hosto eta izpiak dela medio. Eta dirudienez norbaitek istripu bat edo izan du. Ez al da? – Joño! Ez genekien Sherlock Holmes-en jaioterrian geundenik! Hori da hori dedukzio zaparrada. Txurrutaren azalpena ez zitzaion gustatu hor nonbait dendari-tabernari-inspektoreari eta deus esan gabe betozkoa jarrita begira gelditu zitzaion Txurrutari. – Zerbait nahi al duzue? –errepikatu zuen tonu lakar batean. – Tira, ba egia esan ogia eta bertako txerriki eta gazta famatua, baldin badaukazu. Gogo txarrez buelta eman eta Drakularen etxetzarraren harrera gela zirudien ate ilun beretik desagertu egin zen une batez. Ezkerrean gazta, eskuinean txorizo eta saltxitxoi batzuk. Mahai gainean jarri zituen ehiza trofeoa bailiran. – Oreinarena, txerriarena, basurdearena. Baten bat gustuko? Ardi gazta eta ahuntza gazta dauzkagu aukeran. Txurruta berriro ere erasoan –begitartean sartu omen dendaria–. Ardiarena? Ba ardi gutxi dago bazter hauetan, ez ote dira izango adardun batzuk ba? Erantzuna tximista baino azkarrago etorri zen, pozoiz betea. – Zuek, edo hobeto esanda zu, ez zara hona janari bila etorri liskar bila baizik. Esaerak dio: “Herrena, herren egin arren, urrunera”. Eta zu urrunegi iritsi zara malapartatu hori. Onean edo txarrean atera nahi duzu hemendik? Eta hori esan bezain laster makila puska bat jarri zuen mostradore gainean. Lepoko zainak handituta zeuzkan. – Tira! Bagoaz, jauna. Ez da gure intentzioa izan. Barkaiguzu, benetan. Bagoaz. Atzera egin genuen eguerdiko eguzkiarekin berriro ere topo egin eta zuzen zuzenean ranroberrean sartu ginen arte. Guri begira zegoen bekozkoduna, tinko, haserre, denda atarian. Alde egin genuen etorritako bide berari lotuz, Txurrutaren jarrera ulertezina ulertu nahian. – Baina hi seko erotuta hago, Txurruta? –bota zion Joxemielek–. Zer pasatu zaik ganbara ustel horretatik, gizaseme horri halakoak esateko? – Esan? Zer esan diot ba? Egia! Besterik ez! Harroputz horrek tuntuntzat hartu nahi gintuan... Ardi gazta! Hemen ez zegok ardirik eta! – Lehenengo aldia etorri haizela eta badakik Cameros guztian ardirik dagoen edo ez –esan nion–. Hori da hori gizon jakintsua! Orain ez ogirik ez deus. – Beno, har dezagun daukaguna eta goazen beste ibilaldi bat egitera Potros betetzeko. Gero ikusiko diagu norantz jo edo non afaldu. Bide bazterrean aparkatu eta saskiak onddo zoragarriez hustu ondoren, basoan sartu ginen errekasto bat zeharkatuz. – Dena ondo badoa, ordubete barru, bestela ordu erdi barru, ados? Txurrutak txakurrak ehizari bezala, senak agindutako balizko arrastoari jarraitu zion, esandakoari jaramonik egin gabe, Joxemielek eta biok azken berriketaldia burutu eta elkar agurtzen genuen bitartean. Erreka gardenak Camerosko mendikatetik aratz, dantzari, bustitzen zituen barnean gorderik zeuzkan harri koskorrak. Malda eskergari ekin behar izan genion poliki-poliki, urrats motzak emanez, sigi-sagan, arnasaren erritmoa mantendu nahian. Pare bat ordu edo eman nituen harizti hartan bazter guztiak miatzen, saskia bete eta nekeak kosk egin zidan arte. Ez zirudien lapiko hark garbantzu gehiago zituenik eta egia esan ez genuen gehiago behar ere. Egun honetako emaitza oso ona izan zelakoan nengoen, maldan behera abiatzean. Tentuz ekin nion itzuliari, azken ezusteko batek ez nezan hankaz gora jarri, bigarrenean ere esku hutsik bueltatzeko. Bidera hurbildu ahala biraoka entzun nuen norbait, Txurrutaren ahotsa zen eta errepidetik zetorren. Zirenak eta ez zirenak botatzen ari zen ero antzean, mendi puntan zeuden orein marrulariak aditzeko beste. – Astapito halakoak, urde zikinak, jendaila nazkantea, kapar odolzaleak, atzaparluze galantak, atzelari ostiak, mutur beltz zikinak, zuenak egin dik, bai horixe, ez duzue Txurruta kontrabandista ezagutzen! Presta zaitezte, koskabiloak izango dituzue afaritzat! ! – Baina zer duk, Txurruta? Zer gertatzen zaik? –esan nion presaka hurbilduz. – Ez al duk ikusten, German? Atzeko atea hautsi eta ez zizkigutek ba lapurtu onddoak kaxa eta guzti? Jende hau erotuta al dago? Nafarrez esaten genian baina hemen ere, itxuraz, gauza bera egiten ditek! Hau ez da horrela geratuko, ez horixe! Halaxe zen bai: ranroberraren atzealdeko kristala hautsi ondoren ireki eta hustu egin ziguten, erabat hustu, eta are gehiago: atzeko gurpil bat zulatuta zegoen labankada batez. Zer dela eta halako astakeria? Halako batean Joxemiel iritsi eta Txurruta topatu zuen lurrean eserita buru makur, ahopeka kolpeak emanez lurrean, ni lasaitzen saiatzen nintzen bitartean. Panorama ikusi ondoren elkarri begira egon ginen une batez isilik, hausnartzen. Bat batean hirurok elkarri begiratu eta ondorio beretsura iritsi ginen: Dendaria! – Tira, Txurruta! Lasai hadi. Denok zeukeagu buruan ideia bera baina ezin gaituk herrian sartu eta inor lepotik hartu besterik gabe, bestela guk bukatuko diagu kartzelan, edo harrapatutako onddoak zedarritutako gunekoak zituan edo ez argitzen. Ideia bat zeukeat lagunok. Burutazioa azaldu ondoren, gurpil berria jarri eta herrirantz abiatu ginen lasaitasunez, nahiz eta Txurruta norbaiten lepoa bihurritu nahian ibili. Herrian taberna bat besterik ez zegoen eta terrazan hainbat gizon eserita. Haien aurrean une batez gelditu eta Txurruta jaitsi zen Potrosetik: – Arrastion, hemen gertu ba al da tailer mekanikorik? – Ez, egia esan ez! –esan zuen batek–. Zer ba? arazoren bat duzue motorrean ala? Eta algarari eman zioten beste guztiek elkarri begira. – Ez, motorrak ez, putakume batek gurpila zulatu, atzeko atea hautsi eta gurea den zerbait eraman du. – Zuena? Mendi hauetan dagoena izatekotan geurea da eta ez beste inorena, ez al duzue uste, lagunok? Berriro ere algarak nagusitu ziren. Agian norbaitek halaxe erabaki du. Dena den, hemen denetik dakiena eta denetik daukana, zuek goizean bisitatu duzuen dendako nagusia da, Koxme jauna alegia. Gure alkatea! Zerbaitetaz kexu bazaudete harengana jo eta hark joko du dagokion kanpaia. Kar, kar,kar... – Mila esker zuen informazioagatik, lagunak. Estimatuta dago, baina inork ez du esan zer lapurtu duten eta nongoa zen aipatu. Segi edaten eta egun eder honetaz gozatzen, ahal duzuen bitartean behintzat. Carpe Diem. – Aizak! Carpedien delako hori badaezpada hiretzat aldeano halakoa! Kar, kar, kar. Bidaia osoan sekula ikusi gabeko Txurruta ikusi nuen orduan: autokontrola nagusi, irribarre ñimiñoa ezpainetan, begirada zorrotza. – Goazen Koxmerengana lagunok, gero itzuliko gara oilategi honetara, oilarra lumatzera. “Todo-todo” zirudien denda hartan sartu eta kaixo bat bota ondoren hara non agertzen zaigun Koxme delakoa, alkatea hor nonbait. – Joño! Hara hemen berriro ere adarjoleak! Ez dugu izan nahiko sesioa eguerdian? Gehiago behar al dugu ba?– eta hori esatean berriro ere makila bat jarri zuen mostradorean. – Ez, tira! Onean gatoz. Hemengo alkatea zarela esan digute eta arazo txiki baten berri ematera gatozkizu –bota nuen. – Ea, ba, esan! – Onddoetan geundelarik norbaitek 4x4a txiki arraio eginda utzi digu eta partea emateaz gain, jakin nahi genuke ea zerbait dakizun edo entzun duzun. – Partea? Hori hemendik bi ordutara daukazuen kuartelilloan eman beharko duzue eta jakin... Zera esan behar dizuet, herri honetako norbait izan dela uste al duzue? – Usteak beti ustel. Gu frogen bila etorri gara eta onean ez bada txarrean aterako ditugu, ziur egon. – Mehatxuka eta irainka berriro ere? Bain... – Barkatu, barkatu. Aizkora bat besterik ez dugu nahi mementuz. – Aizkora bat? zertarako? – Baduzu ala ez? – Bai, badut baina... – Tira ba, ekazu! Zur eta lur gelditu zen Koxme jauna mostradorean aizkora eder bat jarri eta gure asmoak aurkeztu genizkionean. – Begira, Koxme, badakigu euskaldunok famatuak garela hainbat gauzengatik eta horietako bat herri kirolak dira. Ezagutzen al dituzu? – Tira, ba, egia esan ez! Gainera zertara dator galdera hori eta aizkora erostearena? Burua galdu al duzue? Txurrutak, esku artean zerabilen aizkorarekin, bat-batean, mostradore erdian sekulako kolpea eman zuen, bertan zegoen makila erdibituz. – Baina zer da hau? Zoratu egin al zarete? –esan zuen alkate-dendariak atzera eginez. – Ez! –esan zuen Joxemielek. Hau aizkolaria da eta orain fardel altxaketa zer den erakutsi nahi dizugu. Tira German erakutsi egiok zer den gure herri-kirol hau. Ni gaztetan herri-kiroletan ibilia nintzen harriak altxatzen,nahiz eta urteen poderioz izaera hori orrazten joan unibertsitateko irakasle autokontrolatu eta “fina” bilakatu arte. Egia esan, astapotro hutsa nintzen, esan nahi baitut, nire tamaina eta nire indarra parekoak zirela, gehiegizkoak, alegia,”Hulk”ikaragarriaren antzekoa hor nonbait. Altxatu nuen beraz, esku bakar batez paparretik helduta airean eta galdeketa hasi zen berriro: – Tira, ba al dakigu edo ez dakigu ezer gure ranroberrean, inongo arrazoirik gabe gertatukoari buruz? – Baina seko erotuta zaudete? Guardia zibilari deituko diot eta zuenak egin du, burugabe halakoak! – Bai, agian bai agian ez, ikusiko dugu. Ez dago prisarik –esan zuen Joxemielek, nik Koxme delakoaren paparretik zertxobait gorago tiratzen nuen bitartean– baina ordurako jakin behar dugu gertatutakoa. Eta Txurrutak bigarren talka eman zuen aizkoraz, zurezko mostradore sendoan, lehen ezpalak noranahi jauzi egin eta barreiatzen zirelarik. – Gogoratzen hasi al gara zerbait, Koxme jauna? – Beno, tira, ba egia esan bai, hasi naiz bai –esan zuen totelka–. Lagun batzuk joan ginen zuen atzetik bromatxo bat egin nahian eta baten bat, egia esan pasatu egin zen, dirudienez. Baina hau guztia konpon daiteke lagunok. Ziur nago. Ez duzue uste? – Bai, ba, horretara etorri gara hain zuzen. Ikusten nola bi kultura ezberdinek elkar ulertu dezaketen, elkarrizketaren poderioz? Ba gure kalkuluen arabera, lapurtutako onddo guztiez gain, paper honetan jarritako dirua da hain zuzen itzuli behar diguzun guztia. Eskura izango al duzu diru hori, Koxme? Germanek lagunduko dizu, ez al da hala German? Ekonomian lizentziatua dugu, hain handia eta hain astakirtena era berean, e? Halakorik! Kar, kar, kar... – Bai, bai, nola ez, oraintxe bertan ekarriko dizuet. Nahi duzuenean joan gaitezke atzealdera diruaren bila, lurrean uzteko mesedea egiten badidazu. – Oso ondo –bota zuen Txurrutak aizkora pitz tutako mostradoretik askatzen zuen bitartean. Eta kontuz, hor iluntasunean egiten duzuenarekin e, esku luze halakoak? Kar, kar, kar... Halako batean, ranroberra konpontzeko behar zen dirua kutxa sekretutik atera ondoren itzuli ginen –hura guztia ardi esnearen irabaziekin metatutakoa izango al zen? Joño, joño!– eta gure arteko liskartxo hura baretzeko asmoz, ekintza koldar hartan parte hartutako beste lagunengana jo genuen aizkora lepoan eta alkatea disimuluz, lepotik helduta. – Kaixo, lagunok –esan zien Koxmek herrikide eta bromagileei– euskaldun hauek taberna barruan zenbait trago egitera gonbidatu nahi gaituzte, gertatutakoa ahaztu nahian. – Baina zer broma da hau? –erantzun zuen oilategiko bigarren oilarrak, ozenki. Danba! Hanka aurrean zuen mahaitxoaren erdian aizkorak talka egin zuen ezustean. – Bai, aizkora ederrak egiten dituzuela herri bedeinkatu honetan! Zera, jaun hori. Ulertu behar al dugu ez duzula gurekin edan nahi? Ez duzula gure gonbitea onartzen, alegia? Euskal Herrian halako lotsagabekeriak iraintzat hartzen ditugu. Ustezko oilarraren gandorrak behera egin zuen aizkoraren talkak zentimetro batzuk haratago hankartea baitzuen gertu. Listua irentsiz, laurak banan-banan altxatu eta taberna barruan sartu ziren gurekin batera, eskaini behar genien ukaezinezko eskaintza onartzera. – Tira, tabernari jauna, atera itzazu whisky botila batzuk lagun hauentzat eta zerorrentzat ere, gonbidatuta zaudete eta, hori bai, ziplo erori arte. Hau da gure gonbitea, alkateak ordainduko duena noski, egindakoak egin arren gure aldetik dena barkatuta dagoela adierazteko eta herrak, herri hau utzi ondoren, ez duela gure bihotzetan seinalerik utziko frogatzeko. Has zaitezte! Eta gizonak bezala edan! Gora bihotzak! Eta hori esan bezain laster harrituta, elkarri begira eta batik bat alkateari, egingo ez zuen keinu baten bila, edateari ekin zioten zintzo-zintzo. Tragoxka bat eta bi, hiru, lau... kantari hasi ziren arte. Berehala halabeharrez zerbitzari lanetan jarri behar izan genuen. Harridurak, alaitasunari, eta algarari bidea egin zion, sekulako lerdokeriak boteaz, haien artean, gurekin bromak egin nahian, geroz eta mozkorrago. Botilak hustu eta hustu, poliki-poliki, hasi ziren erortzen ahulenak mahaien gainean erabat hordituta eta azken oilarra zerbitzariarekin dantza egiten gelditu zenean alde egiteko ordua iritsia zela erabaki genuen. Taberna eta taberna barrukoak ezusteko alaitasun giro batean, lozorroan murgilduta utzi ondoren, Potrosen sartu eta alde egin genuen ziztu bizian. Jakinekoa zen mozkor batzuen esanak sinesgarritasun eskasa izango zuela, beraz, Nafarroa aldera lehenbailehen jotzea deliberatu genuen. Aurrena Logroño, gero Iruñea eta gero Baztan. Hori zen gure asmoa une hartan. ATALA HONGO NAVARRENSIS Telefonoz Iruñea inguruko lagun bati deitu ondoren, Txurruta lasaiago gelditu zen, jakin baitzekien galderarik egin gabe berehalaxe egingo zizkiotela konponketak, ranrober maitean, hura baitzen gehien estimatzen zuena mundu honetan. Hura eta elkartean, lagunartean, bertsolari zaharren artean, afari ederra aitzakia, kantari bukatzea, muturra ondo busti ondoren. Berriro ere zoritxarra atzetik, hautsiki egin nahian, geneukala uste genuen erdi ihesean gindoazenean Baztan aldeko lur ezagunetara. Han ere izango ote genuen zerbait esperoan? Jakin ezak! Baina datorrenari aurre egin behar zaio derrigorrez, eta azkar gainera bestela patuak jan egiten zaitu. Dena den, onddoz ondo jantzita gentozen eta gertatutakoak gertatu arren pozik egoteko moduan geunden. Makina bat istorio genituen gainera afaloste batean kontatzeko eta ez nolanahikoak! Gure Txurrutak esandako tailerrera iritsi eta ti-ta batean, kristala jarri, sarraila konpondu eta gurpila aldatu egin ziguten. Tximista baino azkarrago joan zen dena. Harreman onak zituen gure lagunak. Kontrabandista garaikoak hor nonbait! Tailer-zulotik atera eta berehalaxe sartu ginen Belateko maldan Bertiz aldera, han pasatu behar baikenuen gaua eta. Kontaktuak, kontaktuak eta kontaktuak gure Txurrutarenak, bai horixe! Ostatuan sartu eta eepa, iepa, aupa batean agurtu zuten nola ez, bertako ezagun batzuek. – Eta, nola hemen, Txurruta? Aspaldiko! Kontrabandoan ibiltzeko minetan oraindik ala? – Bai zera kontrabandoa, duela urte batzuk utzi nian saltsa hori. Orain bizitzeko garaia, lasaitasuna iritsi duk. – Lasaitasuna? Hori hire kalterako izango duk ba, nire ustez! Hi lasai? Ipurterre halakoa? Eta, lagun berriekin etorri al haiz? – Bai, jauna. Kankailu hau German diagu, harrijasotzaile jaio eta irakasle alua bukatu dik eta beste hau mendietan dabilen basozain ustel horietakoa, badakik eskupekoak gora eta behera eta bulegoa tabernan. Kar, kar, kar. – Urte askotarako jaunak. Hartuko al duzue zerbait? Honako hau nire kontura. Tira, zer nahi duzue? Gonbitea onartu ondoren geletara abiatu ginen: Txurruta bere gelara eta gu geurera, bai. Txurrutak bazekien han telebista zutela eta handik pasatzen zen bakoitzean beti gela berdina eskatzen zuen aukeran, kanal satelite-pornoarekin. Lo gutxi eta txori gehiegi hankartean, gizon honek. Haren zurrungak ez entzuteagatik gela eta gainontzeko guztia ordainduko niokeen. Afaria gustura joan zen, bapo jan eta bapo edan eta justu hurrengo goizean azkar eta fresko altxatzeko ohera joateko asmoa genuela uste nuenean hara non plan berri bat ateratzen den, postre ondorengo kopatxoen berotasunean. – Goazen Arizkunera edo Erratzura zerbait hartzera! – Baina, Joxemiel, ez al gara egunsentiarekin batera altxatu behar ba? Orain berriro ere zurrutera? Eta bihar bazekiat zer gertatuko den, onddoak GPSarekin bilatuko ditiagu, ezta? – Lasai hadi! Hi izan haizen parrandazalea eta azken boladan apaizgaia ematen duk. Bueltaxka bat besterik ez gizona! Badakik zer larritasunak pasatu ditugun, e, orein jauna? Kar, kar, kar – Tira, zuekin hitz egitea eta haizeari ttu egitea gauza bera da. Segi! Baztan aldeko taberna zulo batzuk bisitatu genituen bidean: Elizondon, Arizkunen, eta azkenean Erratzun. Denak edanean eta ni ere ez nintzen gutxiago izango ba! Iji-aja, bertsoak gora eta kantuak behera, han gelditu ginen azken taberna itxi arte kantari eta bertsolari: Onddoetara joan da han zegok Cameros gizaseme makurrak tokatu dedios! lapurretan hasita hustu zuten Potros baina berehalaxe genun erremedio(s). Alkatearekin batu ziren hainbat gorotz berandu baino lehen lotu genituen-motz pare bat astindu ta bina mekaguensos bere lekuan jarrita esan genun adios. Txalo zaparrada eta guzti sortu zuen bertsoak tabernan gelditzen ziren azken kondarren artean, ez seguruaski bertsoaren kategoriagatik, baizik eta alkoholaren inspirazioagatik. – Beste basoerdi bat, Joxepa! –bota zuen azken mohikanoetako batek. – Nahikoa diagu gaurkoz, Manu! Taberna itxiko diat. Akabo gaurkoa! Zurrumurruen artean alde egin behar izan genuen gautxoriok, gure habiatarantz. Beno esateko modua da, zeren jakin bagenekien ordu eta inguru haietan kontrol bat edo beste egongo zela, eta orduan gure Txurrutaren ideia bikaina, aparta, labelekoa etorri zen. – Neronek mendiko pista batzuk ezagutzen ditiat, lasai ederrean Bertiz aldera iristeko inongo sardin zaharren kontrolen arriskurik gabe. Ez nauk ba ibilia bazter hauetan goitik beheiti! – Bai noski, baina seguruenez gaur baino zertxobait argiago ez al da? – Fida hadi, German –erantzun zuen Joxemielek, bapo edanda bera ere– gizon honek hemengo bazter guztiak ezagutzen ditik, ulertzen? Bazter guzti guztiak! – Bai, nola ez diat ulertuko ba? Baina gaua duk eta upela beteegia zeukeagu pista horietan zehar ibiltzeko ordu hauetan. – Fida hadi gizona, fida hadi! Eta fidatu egin nintzen, beharko! Eta hasi zen izan dudan gaurik luzeena Baztan gora Baztan behera, eta segi eta buelta eta jira eta bira. Eta hemendik duk eta hemendik ez duk eta kontuz zulo horrekin eta erne amildegiarekin eta ez al duzue ikusten leku berean gaudela? Eta ezetz eta baietz, eta baserrietako txakurren zaunkak entzun eta mozoloaren ulua aditu sekulako putzutik gurpilak atera nahian geundelarik eta –Txurruta, ez al dugu nahikoa, gaurkoz? Bi ordu zeramagu galduta, kontrabandista itsu halakoa!– barren barrenetik atera zitzaidan kontrabandistarena, zeren hark uste baitzuen hamar urte lehenagoko abilezia eta sena zuela aldian, baina garbi zegoen: edandakoak eta urteek lausotu egin zioten usaimena gaurkoz. – Fida hadi. Nola ez ba? Hemen gaudek galduta, eta gauza bat bakarrik bururatzen zaidak: bertan gelditzea lo egiten egunsentia iritsi eta aitzurra pasatu arte. Zer diozue? Basomutilak? Egia esan Joxemielengandik ezin zen erantzunik espero lo seko baitzegoen zalapartaren erdian, ia-ia odiseari hasiera eman genionetik, zeren haren ustean gure kontrabandistak inork baino hobeto baitzekien nondik nora jo eta ez zuen hanka sartze txikienik ere espero. Txurruta gizajoa leher egina zegoen, ordea. Amore eman zuen berehala eta bide bazter batean jarri ginen, atzean generamatzan manta eta zaku batzuk gainetik bota ondoren. Fida hadi! Zakurraren putza! Aparkatzea eta zurrungak hastea, dena bat izan zen. Sinfonia idiliko hartan etorri zitzaigun egunsentia, sekulako ajeaz jantzita. Ganbara nahastuta geneukan, gorputza minduta Potrosen lo egitearen ondorioz, eta hankak zertxobait luzatu ondoren ingurumaria behatu genuen kokapena bilatu nahian. – Aizue! Hor beheko hori ez al da Erratzu? – Hala dirudi, bai –arrapostu egin zuen hasperenka itzarri berria zen Joxemielek. – Ederra egin dugu! Ia hiru ordu bueltaka ibili ondoren eta leku berean amaitu? Aizak, Txurruta, hi kontrabandista bai baina pistak beste norbaitek prestatuko zitian, ezta? – Tira, German, hik ez duk inoiz hanka sartu? Ba besteok ere bai, eta behin kale eginagatik ez duk zalantzan jarriko nire usaina, ezta? – Ez hire usaina, ez! Usaina baino gehiago kiratsa daukak. Ematen dik hiru egunetan ez dukeela ura ukitu, ezta edateko ere! – Hara gure Maripertxenta! Hik baldakadak beharko dituk bakarrik gazta hori garbitzeko, ezta orein jauna? Tentsioa gora zihoan gure artean, Joxemiel tartean sartu eta baretzen saiatu zen arte. – Beno, nahikoa diagu, eguna aurrera doa eta onddoak gure zain izango ditugu seguruenez eta beste edozein baino lehen hurbildu beharko gara hik jarriko dukeen lekura Txurruta. Baztan aldeko onddoez inguratuta gatxeudek! Guk topatzea besterik ez ditek nahi. Goazen ba lagunak. Tira Txurruta gida gaitzak hire leku magikora. Abiatu ginen berriro ere bide bazterreko hautsak harrotuz, eta Paris-Baztan antzeko rallye baten piura zeukan ibilbideari ekin genion Bertizeko basoak helburu. Irratia martxan jarri zuen Txurrutak, ozenki, nola ez eta berri parrastaren zurrunbiloan bat-batean honako honek jo zidan aldaba eta nola! – Egun on, lagunok, gaur eguerdian hitzordua izango duzue onddozaleak zaretenak, horretarako parada eta plazera baduzue, Bertiz Jauregiaren aparkalekuan atondu duten oholtzan, oraintxe bertan mikrofono hauetatik mintzatuko zaigun gizonarekin. Bera Navarrako hongo navarrensis elkarteko lehendakaria dugu, eta Juan Jose Hassanz Ezina du izena. Ondo esan al dut, jauna? – Bai, tira, elkartearen izena bai, baina nire izen-abizenak aurki aldatzekotan nago zeren grafia arazo batzuk baititut, nire gurasoen ezjakintasuna dela medio. – Ah bai? Eta nola deitu behar zaitugu ba aldaketa horiek burutzen dituzunean, jauna? – Beno, ba, Juan Jose Sanz Cecina, hain zuzen, hori baita nire jatorriaren benetako grafia, nik euskal abizenekin ez baitut zerikusirik. Hori entzun ondoren Txurruta algaraka hasi zen, hainbeste non gelditu behar izan momentu batez 4x4a. – Entzun al duzue tipo horrena?Juan Jose Sanz Cecina! Txerrien santua ez duk izaten ba Santo Tomas?? Ai ene! Halako astakeriarik ez nian aspaldi aditu. Kar, kar, kar. – Bai, segur aski zerri honen “cecina” auskalo nongo txerriaren haragiarekin egina egongo den. “Navarra profunda”ko parajeren batekoa izango duk! Kar, kar, kar... Irrati saio surrealistak jarraitzen zuen ibilbide informatiboa, gure harridurarako: – Ongi, ongi, baina goazen harira. Zer da gaurko ekitaldia? Zer helburu ditu? – Bai. Gure Hongo navarrensis elkarteak Navarrako hongoa ez dela besteak bezalakoa aldarrikatu nahi du lau haizetara, hots: berezia da, zapore berezia du, kolore berezia du, tamaina berezia du, gustu berezia du, berezi-berezia. – Ongi da, ulertu dugu lehenengo zatia eta? – Ba hori guztiagatik Hongo navarrensis izendapen ofiziala eskuratzea eskatu nahi diogu Navarrako gobernuari, gure hongoaren ospea muga guztiak hautsi eta baskoen behe mailako espezietatik bereziki bereiztu dezan behingoz eta betirako. Gainera horrekin batera beste aldarrikapen bat egin nahi dugu gure espezie endemiko honen alde eta basko –“robasetas”– engandik babesteko asmoz, hots: Navarrako Hongo navarrensis, navarroentzat. Eutsi eta borrokatu basko –robasetas– en aurka. Eutsi goiari hongo zaleok! – Beno,tira, Juan Jose Sanz Cecinaren asmoa nahiko garbi dagoela dirudi eta birgogoratzeko berriro ere, hor dituzue datuak: Bertizeko aparkalekuan, gaur eguerdian. Eskerrik asko Sanz jauna. – Zuei gure egitasmoa zabaltzeagatik lagunak. Elkarri begira gelditu ginen Bertizko kaskoan hasten edo amaitzen zen, beti ere abiapuntuaren arabera, pagadira iritsi ginenean, entzundakoa sinistu ezinik. Jakina zen noski, “robasetas” titulua izan bagenuela, baina hortik elkarte bat sortzera eta “labela” exijitzera eta gure kontrako “gurutzada santura “ deitzera, sekulako aldea zegoen. Hamaika ikusteko jaio ginen, bai horixe! Tira, “Hassanz Ezinaren” adierazpen eroak uhinetan desegiten utzi eta gure burmuinetatik aldendu ondoren, basoan sartzeko prestaketei ekin genien. Ohiko aholkuak eman ondoren amalurraren eremuetan sartu ginen onddo bila, ondo baino hobeto, gure onera ia bete-betean etorri ondoren. Auto bat besterik ez zegoen bertan eta horrek arrakasta izateko aukerak biderkatzen zituen. Bakoitza alde batera abiatu eta nik eskuineko hegiari heldu nion Joxemiel erdian eta Txurruta ezkerraldean utzita. Zegoeneko hirugarren eguna geneukan honako hau eta alde batetik nekatzen hasia nintzen, ni neu bai behintzat. Horregatik inoiz baino abiadura gehiagorekin hasi nuen usnaka, hain ugaria zen garoa, makilarekin aldenduz. Hark sortutako babesean bilatzen nituen txapeldun goxoak, miresgarriak... “hongo navarrensis”? ero haren arabera? Barregura etorri zitzaidan berriro ere, entzundakoa sinistu ezinean “San(z) Cecina”. Halakorik! Harri asko eta onddoak apenas, bat besterik ez. Maldak nahiko gogorrak egia esateko eta inguruetan inor ez, inongo hotsik ez. Paisaia magikoa zirudien. Pagadi zahar hark eta haizearen laguntzaz kulunkan zebilzkion hostoek, isiltasun harekin nahastuta, aire magikoa ematen zioten une hari, onddoekin edo onddorik gabe. Beste garaietara ninderaman sentsazio multzoak eta une batez makila, saskia eta buruan jiraka neramatzan azken gorabehera guztiak utzita etzan egin nintzen amalurraren besoek besarka nintzaten eta nire ustez taupadak sentitu nituen, barne-barnean, lurraren sakonetik bidalitako taupada hots mutuak, barnerakoiak, eta horrela jarraitu nuen luzaroan mika baten karrankak esnatu ninduen arte. Buru gainean kulunkan zebilen pago baten adarrean zegoen niri beha, burua tik-tak alde batera eta bestera mugituz argazkiak atera nahian bezala. Azken karrankarekin altxatu ondoren alde egin zuen basoko beste piztiei abisua pasatzera: “gizakiak, gizakiak, basoan daude, erne!” Hori izango zen seguruenez barreiatzen ari zen mezu ulertezina. Trastu guztiak hartu eta bilgunerantz abiatu nintzen, oihu eta txistuak gero eta gertuago entzunez. Joxemiel bakarrik zegoen Potrosen ondoan. – Non sartu haiz motel? Ia ordubete pasatu duk hasi ginenetik eta nik behintzat ez diat gauza handirik topatu. Hi, zer moduz? – Gauza bera. Bat potoloa eta egonaldi labur bat pagadiaz gozatzen. Horra hor emaitza. Eta Txurruta? Zer zebilek onddo-txakurra? – Hemen egon duk dela ordu erdi eta amorratuta basoan behera joko zuela esan dik, Bertizeko aparkalekurantz. Horrek ez zekik une bat bera ere lasai egoten. Prakerre halakoa! – Eta? Guk zer egin behar diagu ba? – Tira, ostatutik pasatzea pentsatu dugu eta gauzak jaso eta ordaindu ondoren aparkalekuan elkartzea eguerdirako. Zer iruditzen? – Ondo. Ni nekatuta nagok dagoeneko. Dutxa on bat eta hamaiketako dezente bat egitea ondo etorriko zaigu ezta? Atera ginen ba zoko-moko haietatik ostaturantz eta hamaiketakoa egin ondoren abiatu ginen elkartu beharreko punturantz: Bertiz Jauregiko aparkalekua. Eguraldiak lagunduta eta kartel batzuek zioten hitzaldia zela eta jende multzo ederra hurbiltzen ari zen paraje hartara. Sarreratik gertu kontrol bat zegoen, guardia zibilarena hain zuzen eta gu baino bi auto lehenagoko bat zeukaten geldirik. – Ea! Norena da auto hau jauna? Auto barruan gidaria eta hiru morroi zihoazen zein baino zein handiagoa eta denak atera zituzten kalera. Oso beltzarana zena, txikiena alegia zuzendu zen poliziarengana. – Begira, agente jauna. Ni Juan Jose Sanz Cecina nauzu eta hitzaldia ematera etorri naiz Bertizeko aparkalekura. Karteletan agertzen da nire hitzaldiaren nondik norakoa eta... –moztu egin zion berdeak. – Bai, bai eta ni Karmengo Andramaria nauzu, Hassanz Ezina jauna. Zer dela eta esaten ari zara zureak ez diren abizenak? Gainera zure kolorea ez da hemengoa, pateran etorria zara paper faltsu hauekin? Ez adarrik jo niri gero! Tira, eskuak autoaren kontra, denak! Hitz egiten hasitako morroia dirudienez irratitik entzundako Hassanz bera zen. Autoaren kontra jarri behar izan ziren bera eta hiru akolitoak, txintik atera gabe. Super agente bat datuak ziurtatzera zihoan bitartean besteak arakatzeari ekin zion eta borrak eta labanak atera ziren morroien poltsikoetatik. Hori izango al zen Hongo navarrensis elkarteak erabiltzen zuen tresneria onddoak bilatzeko? Bitxia benetan! Zeharka ikusitakoa atzean utzi ondoren, Bertizera ematen zuen zubia iragan eta aparkalekuan sartu ginen. Handik gutxira, traba legal guztiak gainditu ostean, hor nonbait, Hassanz eta Hongo zaleak baino bizkartzainak esango nuke, iritsi ziren. Ordu laurden bat falta zen hamabietarako eta kuriositateak jota gu ere atera eta oholtzarantz abiatu ginen. Hitzaldia izango zenaren euskarriak basoko maldari bizkarra ematen zion eta mikrofonoaz gain Nafarroako bandera zeukan erdian, ezker-eskuin espainola eta bestean elkartearena lagun. Elkartearena bitxi samarra zen: hongo bat katez inguratua, Nafarroako katez hain zuzen, babesa bilatu nahian edo. Hizlaria eta morroiak bueltaka zebiltzan oholtzaren inguruan onddo bila iduriz, lurrera begira, baina oholtzen azpian zaila da halako zerbait aurkitzea, beste zerbait izango zen. Auskalo! Behaketa egin ondoren eta hamabiak jotzear zeudenean igo zen Hassanz jauna oholtzara akolitoak inguruetan gelditzen zirelarik eta poliki-poliki hurbiltzen hasi ziren inguruan egun pasa zebiltzan gurasoak eta hainbat ume. Guk ere gauza bera egin genuen, ikuskizuna irratian esandakoaren haritik joanez gero, sekulakoa izango zelakoan. Bidean hainbat txutxumutxu entzun genituen. – Zer izango da emanaldi hau? Konturatu al zara goian dagoenaren piura? Arabiarra dirudi! Zer kontatu nahiko du horrek? – Beno, ez izan hain ahozabal, beltzarana da besterik ez, eta agian bertsolari saio bat aurkeztera etorriko zen edo bertsolari berri horietako bat izango da. Badakizu gaur egungoak ez dira txapelaz janzten garai batean bezala. – Bai zera! Bertsolaria traje horrekin eta gorbataz? Asko aldatzen ari dira gauzak orduan Nafarroa aldean, alajaina! Bertso ederrak zituen botatzeko baina ez zortziko txikian, guk genekienaren arabera. Txurrutaren hainbat lagun ikusi genituen handik denbora pasa. Hasi zen emanaldia, hamabigarren kanpai-hotsarekin batera eta bere buruaren eta elkartearen aurkezpena egin ondoren jarraitu zuen hitzaldi zoroarekin. – Ez, navarro anai-arrebak, ez! Ez diegu utziko robasetas horiei gure lurrera etorri eta gure Hongo navarrensis maitea eramaten. Gurea da, berezia da eta bereiztu beharra dago haien perretxikoetatik, ez gaitzaten zaku berean sartu. Ez gara baskoak, ez dugu zerikusirik haiekin eta gure kateek gure Hongoa babesten duten ikurrean bezala horrela babestu behar gara baskoengandik, ez gaitzaten kutsa! “Robaseta”rik ez! “robaseta”rik ez! – bota zuen ozenki entzuleen konplizitatea bilatu nahian. Baina oihartzunaren ordez, sekulako isiltasuna, erantzun mutua, harrigarria, harritua, nagusitu zen. Ez, ez zen bertsolaria, eta bai, eguzkiak gehiegi eman zion kaskoan hor nonbait. Gogoeta hori zebilkion bueltaka seguruenez hainbat entzuleri. Eta justu iritsiko ez zen erantzunaren zain zegoenean, derrepente, oholtzaren atzealdeko basoaren azken sastraketatik hara non pertsona bat erortzen den itzulika Hassanzen gibelean. Lipar batez beste flash estatikoa zirudien fotograma gelditu zen gure begietan, azalpen baten zain. Harridura nagusitu egin zen, jendartean “oooh” luze bat gailenduz. Umeak barrez hasi ziren, txaloka, Takolo, Pirritx eta Porrotxen emanaldia, orain bai, benetan hastekotan zegoela ustez. Eta halako jitea hartzen hasi zen emanaldia gure begi harrituen aurrean, Txurruta saskia jaso eta eroritako onddoak biltzen hasi eta jendartera begira gelditu zenean. Ekaitza eztanda egiteko puntuan zegoen. Hassanz halako batean harriduratik erasora pasatu zen, prestatuta zirudien egoera hura profitatuz, diskurtsoa biribiltzeko. – Hara! Hara hemen gure basoek goitika botatako “robasetas” bat, seguru nago ez dela gurea, baskoa dela. – Zer esaten ari haiz, alproja halakoa? Ni ez naizela zer? Baskoa? Eta hi mutur beltz halakoa, nongoa haiz ba? –oldartu zitzaion pipertuta eta minduta zirudien Txurruta. Egoera ikusita eta hongo-profetaren izaera arriskuan sumatuz, hiru bizkartzainak ziztu bizian igo ziren oholtzara ustez erasoa jasotzekotan zegoen Hassanz babesteko asmoz. Umeak pozez gainezka txaloka ari ziren eta jendea ere umorezko saio baten aurrean zeudelakoan algaraka hasi zen. Arabiar-navarroa, baserritar txapeldun eta “robasetas” batekin topo egin eta orain hiru armairu haserre itxurarekin norbait astintzeko asmotan korrika oholtzarantz. Jite txarra hartzen ari zen gertakizuna, egoera ezezagunean aurkitzen zen gure Txurrutarentzat eta zerbait egin beharra zegoen, justu bi akolito trajedunek gure laguna lepotik heldu eta zintzilik airean zeukatenean. Jendartean zuzen eta azkar abiatu ginen zikloiaren muinera eta Joxemiel eta bion artean zirt eta zart bidali genituen belardira bazkatzera hiru alproja haiek, Hassanz inguratzen genuelarik betozkoa jarrita. Umeek pozaren pozez txoratuta “beste bat, beste bat” ozenki errepikatzen zuten. Nahiz eta animu horiek izan, akolitoek oholtzatik urrun alde egin zuten. Ez zen beraien asmoa bigarren erorketa baten partaide izatea. Hassanzek bakarrik jarraitu beharko zuen gaurko emanaldia eta gero gerokoak. – Juan Jose Hassanz Ezina jauna –esan zion Joxemielek– nahasten ari zara gauza gehiegi helburu bakar batekin. Euskaldunak nahastea eta anai-arrebak, bai Nafarroakoak zein kanpokoak muturka jartzea onddoak direla medio. Jakin ezazu gu geu behintzat errespetuz etortzen garela lur hauetara eta lagun asko ditugula, zuk zeuk baino askoz gehiago ziur nago eta ez duzula lortuko zure mihi pozoitsu horrekin gure harremanak haustea, beraz gomendio zuhur bat egin nahi dizut: zoaz hemendik zure zorna-zorroa hartuta eta barreia ezazu beste nonbaiten, hemen adiskide baikara onddo batzuk gorabehera. Jendartera begiratu eta aldeko oihurik ez entzutean, oholtza utzi eta publikoak irekitako pasillo baten erditik burumakur, bizkartzainak zain zituen autorantz abiatu zen isilik. Txurrutak oholtzak eta jendeak eskainitako aukera hura profitatu nahian zera esan zuen. – Lagunak, ez nituzke utzi nahi Bertiz eta Baztango paraje zoragarri hauek bertso bat bota gabe zuen eta onddozaleen omenez. Hona hemen nire eskaintza: Baztanen behin ta berriz ibili naiz ondo direla ehiza kontu edota ere onddo(k) Anai-arrebak ditut asko Elizondon horregatik nauzue segur ni, bertako. Txalo parrasta bat entzun zen Bertizko inguruetan justu Txurruta eta hirurok jaisten hasi eta bertako lagun batzuekin ondoko tabernara bidea hartu genuenean. – Tira, ez duk izan nire bertsorik onena egia esan, baina sortutako egoera xelebre hori konpontzeko balio izan dik, nire ustez. – Aizak, Txurruta –esan zion saskia erdi hutsik ikusita lagun nafar batek– eta onddoak nola? – Onddoak, ondo! –erantzun zion Txurrutak.
booktegi.eus EDU ZABALA ezka AURKIBIDEA ARAGOIN HIL ERRIBERRIKO ENKARGUA KOADRILAREN PRESTAKETA EZKAN BEHERA, ERRIBERIRANTZ BIGARREN BIDAIA. MENDEKU BILA ERRONKARI HELBURU BIBLIOGRAFIA Eskuiek eta biziek egiten tei iriak (Erronkariko esaera) Nire gurasoei eta Karmele, Maddi eta Laidari. Uskarari, noizbait Erronkarin piztuko dugulakoan. ARAGOIN HIL – Hi, Ximeno, argi ibili hadi! Hau ez baituk hire Ezka zirina bezain xamurra! Hemen gizonok eramaten ditiagu nabatak1. Ezkan ez egoteagatik ez zegok ezta almadiaririk ere. Beldurra diozue ibaitxoari hor nonbait!– kar, kar, kar ... Ur hotzegia Erronkariko gizasemeentzat? – Hik eutsi egiok hire lemari eta utzi tzak bromak hurrengo atsedenaldirako, alproja aragoiarra, edo euskalduna, edo nola deitu behar zaituztet, anai-arreba aragoiarrak? – Zer anai-arreba eta zer kristo! Errege ezberdinak ditiaugu aspalditik nafar harroputza! Gorde ezak mihi pozoitsu hori txuloan! 13 – Bai, hori egia duk, baina zein bitxia denok euskaraz mintzatzea, ezta anaia? –kar, kar, kar– barre egiten zuen Ximeno almadiariak atzeko enbor-multzoan, “Nabata”k, Hetxon deitzen zioten bezala, Aragoi ibaian behera azkarki egiten zuen bitartean. Txorakeriatan ibiltzeko parada sarritan izaten zuten baina, ur-lasterrak, zurrunbiloak, arrokak, era bateko edo besteko arroilak igarotzerakoan, erne ibili beharra zegoen, enbor multzo hark bazterra edo hondoa jo ez zezan. Halakoetan bidaia korapilatu egiten zen, eta are garrantzitsuago oraindik: norbait bere bizia galtzeko zorian egon zitekeen Aragoi ibai bihurrian. Abenduaren hasieran zeuden Hetxo ibarrean eta ibaiertzean hilabete bat lehenago metatuta zeuzkaten hainbat enborren beharra zela eta Zaragoza aldean, urteko azken lana burutzea deliberatu zuten nabatariek. Ofizio gogorra zen: ibaian behera maiz, negu gorrian zein maiatzean batik bat, bortuetako elurrak urtu ondoren, urak gainezka, abaila bizian jaisten zirenean, ibaiaren aginduetara beti, ahalik eta gidaritza zuhurrenaren menpe. Hiru, lau zatiko nabatak izaten ziren, hiruzpalau lagunen jakinduria, ausardia eta ofizioa gidari, modu egokian ibaian barna bideratzeko. Abarkak bustita, oinak handituta, hotzez dardarka, ahuntzaren larruz egindako jaka bizkarra babesten, txapela eta ezer gutxi zeramaten aldian. Janari apur bat eta arnoa erdiko matxarde edo urkila batetik zintzilik. Hori zen gizon haiek ibaian beheiti zeramaten guztia, bere ausardia, ofizioa eta enborraz gain. – Hor diagu hondartza Ximeno! Petri eta Garzea hasi dira maniobra egiten, lagu diezaiegun. – Tira, eragiok tentuz arraunei ibaia ertzerantz, Ramiro! Elkar lotutako hiruko nabata, ibaiko hondartzara abiatu zen eta lehen arraunlariek uretara jauzi eginez, soka gotor batekin zuhaitz bati lotu zioten muturra. Azken bi nabatariek, urrats berberak emanez, atzealdea ongi lotu zuten, ustekaberik izan ez zezaten, ez inguru hartan behintzat. Hetxotik Zaragozara normalean zortzi edo hamar egun irauten zuen bidaiak, dena ondo bazihoan, eta aukera ezberdinak tarteka zitezkeen, hots: batzuetan, maiatzean bereziki, bi talde zeuden antolatuta. Batek Zangozarainoko tartea egiten zuen eta besteak, bigarren zatia Zaragozaraino, horrela azkarrago garraiatu ahal izateko enborrak. Abenduan ez zegoen hainbeste presa eta Ximeno eta beste hiru, besterik ez, zebiltzan garraioan. Dena den, aparteko zerbait gertatuz gero, bazekiten norengana jo laguntza eske. – Tira, Ximeno, gaurkoa ereegin diagu, ez da hala? – Bai, Petri. Zer moduz joan zaik aurreko enborretako bakardade hori, Gartzea isil horrekin? Kar, kar, kar. – Beti esaten diat gauza bera: nahiago diat Gartzea bezalako bat aurrean eta ez hi edo Ramiro bezalako hitzontziak... Dena den, eta gure lanera itzuliz, ez al gara gehiegi ausartu oraingo honetan, nabata jaisterako orduan? – Zeresan nahi duk, Petri?– galdetu zion Ramirok. – Ur gehiegi daramala ibaiak eta oraindik beste hiruren ur handiak jaso behar dituela Esara iritsi aurretik. Nire ustez honako honetan gaizki egin ditiagu kontuak, jaisteko inongo beharrik ez baikenuen. – Tira, Petri, hi beti bezain marmarti eta zuhur. Badakik garai honetan bakarrak izango garela izeiak jaisten, eta zer nolako salmenta egin dezakegun. Salmenta aparta! gainera ez al gara ba nabatari hoberenak gu hirurok? Ez al da hala Ximeno? – Bai, baina naturari errespetua zor zaio keta ados nagok Petrirekin. Irabazien distirak itsutu egin gaitik honako honetan. Dena den, bihar goizean seguruenez, ibaia lasaiago etorriko duk, gauean ez badik euririk egiten behintzat. – Beno ene anaia negartiak. Lotara, txintxo-txintxo ea egunsentiak zuen aldartea hobetzen duen! –esan zuen irrimirriz Ramirok. Ibai ondoko txabolan lo egin zuten, baina naturak ez zien jaramonik egin bere desirei eta ekaitzak euriari bide eman zion, luzaz. – Kaka zaharra! –esan zuen ahopeka Ramirok, egoeraren gaiztotzea antzemanez–. Zakurraren putza! Egunsentian, ibaia puztuago zetorren, eta hiru zatiko nabatak doi-doi eusten zion orekari urez gainezka zegoen hondartzan. Egoera gaiztotu egin zen, hobetu beharrean eta Aragoi ibai nagusiarekin bat egin aurretik bizpahiru ordu zituzten, ur-lasterren artean. – Heia, lagunok, nola ikusten duzue egoera? – Ezin okerrago, Ramiro! Okerrera egindik, garbi zagok. – Ordu pare bat diagu, dena ondo baziak, Aragoi nagusira heldu arte. Eutsiko al diogu erronkari? – Erronkariarrak beti erronkari heltzeko prest anaia! –erantzun zuen Ramirok hitz jokoa profitatuz–. Hala ere, inoiz baino argiago ibili beharra zeukeagu. Dakizkigunak eta bost erabili beharko ditiagu aurrera egiteko, Aragoi ibaira iritsi arte. Eskuak elkartu zituzten ohi bezala, elkarrenganako uste osoa zein adorea bilatuz eta bakoitza bere tokian jarri zen mokadu xume bat hartu ondoren, sabela korapilatuta baitzeukaten ibaiaren indarra ikusita. Petri bizia eta Gartzea isila aurrealdean jarriko ziren, zuhaitzari lotzen zuen soka askatu ondoren, eta gauza bera egingo zuten Ximenok eta Ramirok atzealdean lema luze banari eutsiz. Aurreko biek, bere pertika luzeekin muturra hondartzatik aldendu bezain laster, lehen danbatekoa sumatu eta bi lemazainen ofizioari esker lortu zuten nabata ibaiaren erdialdera eramatea, sekulako indarra erabiliz. Ez zen ez egoera samurra, baina ehun bat metro egin ondoren elkarri begiratu eta keinu baten bidez kontrolaren sentsazioa irriño batean islatu zuten. Edozein unetan hautsi zitekeen puzzle bat zirudien nabatak, Aragoi Subordan ibaiaren sabelean, baina ongi uztarturik zeuden hiru oholtzak hurritzaren adar busti eta malguekin, ohiko teknikei jarraiki. Ibaiaren orroak harkaitzen kontra, ura lurrun eta apar bihurtzerainoko sinfonia magikoan barneratuz, abarkak eta galtzak guztiz blai ur izoztuetan, kementsu, ausart zihoazen nabatariak, hortzak estututa. Azken sigi-saga gelditzen zitzaien, Puidemoro menditik zetorren ibaiarekin bat egin eta gero, lautadako Xabierregarai herrixka begiztatu aurretik, halako batean, harri puska bat malkartu zitzaienean bere buruen gainera. – Erne, Petri! Erne goiko harkaitz horrekin! –oihukatu zuen Ximenok ibaiaren orrotzarraren barnean– justu paretatik askatutako harri puska erraldoiak nabataren aurrealdean, gupidarik gabe jotzen zuen lipar berean. Harkaitzak eztanda egin zuen Petrik eta Gartzeak gidatzen zuten oholtzaren erdi-erdian eta uretara jaurtiki zituen bortizki nabatari aragoiarrak, besteen maniobratzeko ahalmena ezerezean utziz. Hautsitako oholtzaren enborrak aske eta aurrealdea inongo kontrolik gabe, meneraezina bilakatu zen nabata eta ezkerraldeko arroka baten aurka talka egin zuten azken bi oholtza eroek, Ximeno eta Ramiro uretara amilduz. Egoera ezin zen arriskutsuagoa izan: ur-lasterrez gain, enbor askeak nonahi eta ezkutuko harkaitzen laguntzaz, labirinto beldurgarria osatzen zuten, oraindik bizirik zeuden nabatarientzat. Ramirok burua uretatik atera bezain pronto, ezpaldutako enbor zorrotz baten aurka jo eta hondoratu egin zen, berehalaxe uretan nahastuko zen odol arrastoa utziz. Ximenok, ur bareetara hala edo nola iritsi, eta zauritutako besoari eutsiz, zutitzea lortu zuen, gertatukoaren ondorioak ikusteko azken aukera zuelarik: izei-enbor askeak, zatituak, kontrolik gabeak, sakanean isurtzen zuen ibaian barna zihoazen, Xabierregarai herrirantz, eta azken bi oholtzak, oraindik erdi lotuak, haustekotan ziren ibaiertzean eta barnean azaltzen ziren hainbat arroken kontra joaz. “Non ote nire lagunak?”, etorri zitzaion burura konortea galdu aurretik. Esnatu zen halako batean, eta jaikitzeko imintzioa egiterakoan mina sumatu zuen besoan. Bendatuta zuen eta baita burua ere. – Non nago? Non daude nire lagunak? Zer gertatu zaie? – Lasai adiskide. Xabierregarai herrian zaude Ximeno. Ezagunak zarete hemen. Ostatuan zaude, gogoratzen al zara nitaz? Mari naiz, ostalertsa. Askotan egonak zarete hemen, otorduren bat egin eta zintzurra bustitzen. Lasaitu, kolpe ederra daukazu buruan eta. – Eta Petri, Ramiro eta Gartzea? Non daude? Ostalertsak burua makurtu bezain pronto antzeman zuen Ximenok erantzuna bere begietan. – Hilak daude. Ibaiaren hegian aurkitu dituzte gorpuak... Nola erabaki zenuten ibaia ur kolpe horrekin jaistea? Gainezka zetorren, eta zuek bezalako nabatari trebeek ez dute halako okerrik egiten. – Ez ze inoren erruaizan. Ibaia duela bi egunez zegoen hain arriskutsu, eta pilatuta geneuzkan hainbat enbor garraiatzea deliberatu genuen. Diru gosea edo... Azkenean gure hondamendia besterik ez dugu bilatu esanez negarrari ekin zion Ximeno erronkariarrak, eta tristura islatu zen Mariren begitartean, halako gizon kementsua lur jota ikustean. – Haien bila noa. Non daude, Mari? Esadazuarren! Gorpuak zeuden gelarantz eraman zuen Marik. Han zeuden, zurbil, puztuta, ibaiak emandako kolpez eta enborren zartakoen zauriz josita, harridura eta izuaren keinuak agerian, heriotzaren besarkadak hartuta. Hildakoen gainean eskuak jarri eta isilpeko azken agurra bidali zien, halakoetan hitzek adierazi ezin dezaketen mezua haien arimetara helarazi nahian. Gela utzi eta Marirengana hurbildu zen abailduta. – Ba al dugu gurdiren bat gorpuak beraien herrira eramateko, Mari? – Bai, izango da bat edo beste. Nahi al duzu Xabier gazteak laguntzea? – Ados, bueltarako gurdiak norbait beharko du gidari eta. Ni Siguesen utzi ondoren Burgirantz abiatuko naiz. Eskertzen dizut eskaintza. Berehalaxe aterako gara. Eskertuko nizuke prestakuntzaz arduratuko bazina. Ni bitartean ibaia begiratzera noa. – Joan lasai, Ximeno, nire kontura dena. Ximeno, beste nabatariak bezala oso estimatua zen Aragoi Subordan ibaiak zeharkatzen zuen Hetxoko ibarrean, arrazoi ezberdinengatik. Ibarrari ospea emateaz gain, kategoriazko ofizio baten partaide ziren, eta giza-seme langileak, zintzoak. Aragoi ibaiertzera iristean, gorrotoa eta samina batera etorri zitzaizkion. Oraindik ere puztuta zetorren indar guztia erakutsiz. Ximenorentzat, bizitza bera bezalakoa zen, han, Pirinioetan jaio eta auskalo non bukatuko zena, bizitzaren zaina, zain boteretsua, apetatsua, gupidagabea, bortitza eta barea aldiro, derrigorrez gobernatzen jakin behar zena, hango ur hotzetan betirako erori nahi ez bazenuen. Hegietan antzeman zituen hainbat enbor hautsiak eta besteak, idatzirik gabeko legeak zioen bezala, “primo capienti” ziren, hots: harrapatzen zituen lehenarentzat. Halaxe da bizitza, apetatsua eta eskergabea, maiz. Batzuentzat lana, besteentzat irabazia. Dena prest zeukan ostatu aurrean: gurdia, Xabier gaztea adi, eta bizpahiru lagun bere esanetara, gorpuak bertan jartzeko asmoz. Halaxe egin zuten eta eskerrak eman ondoren bertaratutako guztiei, Aragoi nagusiarekin bat egiten zuen ibaiaren paretik zihoan bideari ekin zioten, gorpuen isiltasuna eta uraren soinua lagun. Aragoi erresumaren lurretan barna zihoazen goiz argi bezain hotz hartan. Negu gorria gainean zuten eta bazen garaia, etxera, Erronkarira, Burgira bueltatzeko, bere emakumea eta lagunekin hilabete gogorrenak igaro, etxeko berotasuna dastatu, eta ibaiaren ur hotzei bolada batez agur esateko. Eskuinaldean, indartsu altxatzen zen Orba mendikateak zurituta zeuzkan bere bizkarra eta elurra egunetik egunera beherago zetorrelarik, ibarra bere maindire zuriaren pean estali nahian. Xabier gazteak isiltasuna urratu zuen lipar batez. – Barkatu Ximeno, baina gauza bat galdetu nahi nizun, atrebentzia ez bada... – Hik esango duk, mutil. – Gorroto al diozu ibaiari? Galdera sinplea, zuzena eta inozo xamarra zen, baina gazteei pistak eman behar zaizkie euren bidea noizbait egin dezaten, eta halaxe egin zuen Ximenok. – Orain bai, gazte, orain bai.Ez dakik zenbateraino gorroto dudan! Nire aspaldiko lagunak eraman baitizkik, baina... bere uretan dabilenak badaki zer arriskutan eror daitekeen, eta apustu hori, arrisku hori duk, nik behintzat, maitatzen dudana, bizirik mantentzen nauena eta horregatik gorrotoa eta amodioa, biak batera ematen zizkidak bizimodu honek, ibaiak. Nik ezin izango nikek aitzur batekin lurra zulatzen ibili luzaroan, ez nikek jasango. – Nik ere ez – esan zuen ahopeka gazteak, uhalei astinduz. Iritsi ziren Erronkariko Ezka ibaiak zeharkatzen zuen Sigues herrira, hiru hildakoen jaioterrira, hain xuxen. Tristura, harridura, eta amorrua, sutautsa bezala barreiatu ziren herrian, hildakoen senitartekoek gurdia eta gorpuak inguratu eta negarra zeriela zeuden bitartean. Danbateko gogorra izan zen herri xumearentzat. Ximeno zurbil zegoen gurdiaren ondoan, herritarren doluminak jasotzen, abailduta, gertatutakoaren zama berea eginez edo. Famatua zen Ximenok, Petrik, Gartzeak eta Ramirok osatutako talde ausart eta alaia. Urteak eman zituzten nabatari lanetan, sakoneko istripurik inoiz izan gabe. Horregatik beraien ospea Hetxo eta Erronkariko ibarrak gailendu eta Nafarroan zein Aragoin hedatu zen. Udazkenean metatutako irabaziak, hildakoen senideen artean banatu eta Xabier laguntzailea agurtu ondoren, Erronkarirantz abiatu zen burumakur. Arangoitik eta Ezkalarrek koroatzen zuten Leireko mendizerra, elur xafla distiratsu baten pean. Neguaren bihotzean zegoen Erronkari. ATALA ERRIBERRIKO ENKARGUA Handik urrun, elur zuri eta hotzen eraginetik babestuta, Erriberriko gaztelua, palazioa, Gorte ederra, paregabea zegoen, Zidakos ibaiak zeharkatutako ibar emankor eta aberatsa zelatatuz. 1407. urte inguruan Erriberriko Gortea, Karlos III.a Prestua, errege nafarraren egoitza zen. Garai berriak ziren: bere aita, Karlos II.a Gaiztoaren saiakera espantsionista eta guda zaleak baztertuz, Nafarroa itotzen eta bereganatzen saiatzen ziren erresuma erasokor eta boteretsuekin, hots: Gaztela, Aragoi, eta Frantziarekin, zalantzazko bake garaia mantentzen saiatzen zen. Politikaz eta itunez gain, bazeukan Karlos III.ak arte ederrekiko zaletasuna eta irrika, hainbeste, non Palazioaren eraikuntza garrantzitsuenak bere agindupean burutu baitziren. Garai haietan, Erriberri famatua zen penintsulatik kanpo eta bere edertasunak bidaiari aristokrata eta ikasiak erakartzen zituen Frantziatik zein beste gorte europarretatik. Palazioa ederra zen zinez: lauza dotorez hornitutako sabai landu, margotuekin, eta dorreak apaintzen zituzten lorategi ederrez mukuru. Zidakos ibairaino iristen ziren lorategi joriak baziren baita ere, eta bestelako zaletasunei ere leku egiten zieten hainbat bitxikeria, hala nola, txorientzako kaiola erraldoia zein lehoien gela deituriko gune bat non Erregek bere gozamenerako baitzuen piztia-bilduma. Nafar koroaren eta Europako palazioen artean ederrenetarikoa genuen Erriberri, zalantzarik gabe, alboko erresumen apeten bitxi guztiz desiratua. – Errege txit gorena, talaia berriaren dorre barnean, kalitatezko zura dezente beharko genuke hainbat berrikuntza egiteko. – Kalitatezkoa? Zer esan nahi duzu horrekin? Orain arte erabili duguna, Aragoikoa, ez dela egokia? – Hori izan da ohitura baina zure erresumako gertuko ibar batean, Erronkarin, adibidez, kalitate bera edo hobea eta merkeagoa lor dezakegu, behar adina eta behar hainbat froga egiteko aukera emango diguna –erantzun zuen palazioaren berrikuntzetako arduradunak. – Proposamen hori ez ote dator baldintzatua zure jatorria dela eta, Erronkariko arotz trebea zaren hori? –erantzun zuen Karlos Prestuak irribarre bat zuzenduz harengana–. Bat nator zurekin gauza batean: aspaldiko partez bueltaka darabilt buruan, Erronkari zein Zaraitzuko ibarrak berpiztu eta baso eder haietatik etekin berriak ateratzearen ideia. – Bertako zerbitzari leialek zinez eskertuko lukete halako erabaki bat hartzea, Jaun gorena. – Eraikuntzan bezain trebea bazara erresumaren beste kontuetan agian ofizioz aldatu beharko zenuke. Hala bedi! Zure aholkua eta nire desira beteko ditut. Eta ba ote dugu almadiaririk Erronkarin? – Nik dakidanez bai, Jauna, eta Ximeno du izena. – Tira ba, gauzak horrela, agian iritsi da gure Erronkariko gerlari eta abeltzain prestuei protagonismo berria emateko garaia. Historiak erakutsiko digu asmatu dugun ala ez. Ardura zaitez behar duzun enkargu eta prestakuntzez, erronkariar fidela. Garaiz zebiltzan enkarguak egin eta hurrengo urteko maiatzeko urak aprobetxatuz, egurraren prozesu zabalari hasiera emateko, hots: izei luzeak aukeratu, markatu, elurrak urtzerakoan egurra bota, adarrak moztu, lurrean denbora batez utzi, xaflak egin enborrean, eta abar. Berri estimatua izango zen Burgi zein Erronkarirako, Erregek hartutako erabakia, berriro ere ibarrak Nafarroaren historian protagonismo berezia har zezan. Muga zen Erronkari, hizkuntza-muga, militarra, ekonomikoa, eta betidanik erakutsi zuten biztanleek Nafar Erresumarekiko atxikimendu eta leialtasun osoa, bertako seme-alaben ausardia eta sakrifizioa haren ze bitzura behin eta berriz jartzeraino. Halaxe, Olasteko gudaldian, IX. mendean, arabiarren aurka erakutsitako ausardiagatik eman zieten Bardeetako larretan aziendak bazkatzeko baimena, eta horrela ireki zen erronkariarrentzat erret-altxunbide edo abelbidea. Erronkarira sartzeko oso bide erabilia zen: Pirinioetako larreetatik Bidangotze, Leire, Esa, Zangoza, Xabier, Kaseda eta Bardeak zeharkatuz, ez bakarrik abeltzainentzat baizik eta edozein espedizio nafarrarentzat, bestela Tiermas, Sigues eta Salbaterra herri aragoiarrak zeharkatu behar ziren, eta nahiz eta edozein oinezkorentzat, garai sasi-baketsu haietan, aparteko arazorik suposatu ez, egoera erabat aldatzen zen Erriberrin prestatzen ari zen talde militar bati zegokionean. Askotan, hartzen diren erabakiak buruarekin baino bihotzarekin hartutakoak izan ohi dira eta bidaia hau ere horrela zirudien taxutua, destakamenduaren buru zen Antso kapitainarentzat, behintzat. – Baina nola liteke garai hauetan, elurrak mendiak hartuta dituenean gu Burgira bidaltzea, nondik eta Aragoin barrena? Ezin al dugu itxaron elurrak urtu eta abelbidea hartzeko aukera izan arte? – Orduan beranduegi litzateke, Antso –erantzun zion arotz nagusiak–. Maiatzerako hemen egon behar dute enbor horiek. – Nahita ere ezin izan dituzue bilatu zailtasun gehiago. Badakizue zer gerta daitekeen, gure taldea Aragoiko lurretan harrapatzen badute? Hainbeste desiratzen ari diren gudaldi berri bat sortzeko aitzakia eskura ematea! – Eguna egunekoentzat eta gaua zuresoldaduentzat, Antso. Gainera zuen alde ere baduzue zerbait. – Benetan? Zer adibidez? –esan zuen haserrea ezin disimulatuz. – Inork ez du pentsatuko Aragoiko lurretan, nafar talde armatu batek, garai hauetan, Sigueseko arroilan barna, Erronkarirantz abiatzeko ausardia izango duenik. Gainera soldaduek ez duzue ba akzioa behar? Herdoilduta zaudete aspaldiko partez Zidakos ibaiaren lurrak “zaintzen”, ez al da horrela? –eta ironiaz jaurtitako hitz haiek, bere efektua lortu zuten, kapitain harroarengan. – Horretan arrazoi duzu, arotz zital horrek, agian ondo etorriko zaigu bidaia hau ugertutako armak haizatzeko. Erronkariarrak beti erronka gustuko, ezta? Hitz horiek janda, baina abenturaren harrak dantzan, abiatu behar izan zuen Antso kapitainak bost gudarien taldearekin Aragoiko lurretan barrena; baina, kasu honetan Nafarroako gudarostearen jantzirik gabe, bidaiari arruntak bezala, badaezpada. Egunaren balizko bero apurretan atseden hartu eta gaueko babes beltzaren hotzetan bidaiatu, borrokak saihestuz. Agindu zaila bezain erakargarria, aspaldiko partez Erriberriko harresietan aspertuta zebilen kapitainarentzat. *** Xabierreko gaztelua gainditu ondoren, Esarainoko bidaia arrunta izan zen, baina handik aurrera gauez izan beharko zuen, Tiermas gotorlekuak zelatatzen zuen Aragoi ibaiaren sakana oharkabean igaro ahal izateko. – Soldaduok, bukatu da lasaitasuna eta gure mandatua eta arriskuak gogoratuko dizkizuet azkeneko aldiz: Aragoiko lurretan sartuko gara. Ez da bide luzea baina bai arriskutsua. Soldaduek gelditzen bagaituzte, Salbaterrara goazen mandazainak gara, merkatariak, bakailaoa, gatza, eta ardoa saldu eta negua bertan pasatzeko asmoa dutenak. – Barkatu kapitaina, baina nik dakidanez, mandazainek ez dute gauez bidaiatzen eta are gutxiago negu gorrian. – Berandu gabiltzalako, hain zuzen, gure azken gau honi etekina atera nahian, gabiltza ordu txikietan. Armak gordeta eramango ditugu kapusaiaren azpian, azken aukera bezala, eta nik “aski” hitza erabiltzen badut bakarrik aterako ditugu. – Hala bedi, kapitaina! Talde armatua bere bi mandoekin abiatu zen gauaren itzal beltzaren babesean, Tiermas gotorlekuaren argiak behatuz. Printzipioz, herriak ez ziren berez arriskutsuak, topa zezaketen patruila armatuak baizik. Ezka eta Aragoi ibaiek bat egiten zuten gunean, Tiermas eta Ezko atzealdean utzi ondoren, Sigueserantz abiatu ziren. Herri hau bide nagusitik gertuago zegoen atzean utzitako biak baino eta baserrietako txakur batzuk, zegoeneko zaunka ari ziren gau beltzean. Sigueseko haitzartean sartu ziren, pareta erraldoiak etsai baino lagun sentitzen zituztelarik, ibaiaren soinuak gertu, izotz-kandela galantak zintzilik hormatzarretan eta mendietako maldek irudikatzen zituzten profil fantasmagorikoak buruan dantzan. Taldea isilik zihoan arroila erraldoian barrena, naturaren boterea inoiz baino zamatsuago sumatuz bere buruen gainean. Eta delako abentura hura, Erriberriko talaietan egin beharreko alferrikako zaintza bera baino aspergarria izateko zorian zegoenean, ahots bat entzun zuten arroilaren irteeran. – Gabon, jaunak! Zer dela eta dabil talde isil hau, halako bidaia diskretu eta misteriotsua egiten negu gorriko ordu txikietan, arroilan barna? – Eta nork galdetzen du hori? –arrapostu egin zuen Antso kapitainak, taldea geldiaraziz. – Zer duzue nahiago? Lapur taldea edota Aragoiko gudarostearen zelatariak? – Gaua hotza dago eta mandazainak garenez, berdin bazaizu, asmakizunak utzi eta S albaterrara iritsi nahiko genuke lehenbailehen. – Mandazainak gauez? Azturak erabat aldatzen ari dira lur hauetan aspaldiko partez. Kar, kar, kar. Ea, ikus dezagun zer daramazuen otar horietan. – Hemen inork ez du deus ikusiko, ez bada gohorretarako arrazoi sendorik. Kargamentu hau Salbaterrara doa dagoen bezala. Zuek ez zarete nor behaketa egiteko– moztu zion bidea zaldiz, hurbiltzeko imintzioa egin zuen arrotzari. – Arrazoiak egon badaude, lagunak. Tira lapurrak! Atera zaitezte zuen gordelekuetatik, ez guztiak, badaezpada. Kar, kar, kar. Ez zuen betarik izan delako bide-lapurrak karkaila bukatzeko, Antso kapitainak amen batean aihotza zintzurrean paratu baitzion. – Tira! Has gaitezen berriro, ea elkar ulertzeko gauza garen –esan zuen astiro Antsok– mandazain hauek Salbaterrara bakean iristea besterik ez dute nahi eta jakin nahiko genuke, zenbat lagun dituzun gordeta, gure zain –jarraitu zuen sastakaiaren muturra zertxobait gehiago zintzurrean sakatuz. – Gu gutxi gara. Bost besterik ez – bota zuen totelka, ezustean harrapatutako oilar bustiak. – Ongi. Ba etor daitezela guztiak hona eta opari bat egingo dizuegu, ez da hala lagunok? Nafar gudari mozorrotuak karkaraka hasi ziren hortz zuriak erakutsiz. – Bai, gure gustuko oparia egingo diegu, gutaz gogoratu eta inoiz gehiago ahantz ez gaitzaten. Tira jaitsarazi zaldietatik eta aurrez aurre jartzeko agindu! Bost lapurrek esandakoa bete zuten eta banaka eskuak lotu ondoren, aurrez aurre jarri eta elkar lotu zituzten zutik, soka sendo batez. Egoera barregarria zen, zinez, ebasleak biraoka ibaia bazterrean utzi eta zaldiak barreiatu ondoren Salbaterrarantz jarraitu zutenean. Bidaiak ongi burutzeko planta guztia zuen, oraindik ordu txikietan Salbaterrako kaleak zeharkatzen ari eta azken baserriak atzean utzi ondoren, Aragoiko soldaduek bidea moztu zietenean. – Nortzuk zarete eta nora zoazte? Zegoeneko Salbaterrara zihoazen mandazainen amarruak ez zuen balio. – Borda baten bila gabiltzan mandazainak, egunsentia iritsi arte bertan atseden hartu eta gero herrira salmentara jaisteko asmoz. – Borda bat? Noren borda? Nor ezagutzen duzue herri honetan? Inoiz ez da mandazainik garai hauetan hemendik igaro. Tira, erakutsi daramazuena! Soldaduen nagusia beste batekin, bi mandoengana hurbildu zen, otarretan begirada bat boteaz. – Dena den, gurekin etorri beharko duzue hainbat gauza argitu eta dagozkizuen zergak ordaindu arte. – Askida! Ez dugu astirik horretarako! Bi aukera ditugu: edo bakean utzi gure bidea egiten edo ezpaten bidez konpondu gure artekoa. Eta kapusaien azpitik bost ezpata agertu ziren aragoiarren harridurarako. – Mandazainak! Bai zera! Nongo txakur amorratuak zarete zuek? Hau guztia argitu beharko diguzue aurki. Tira zoaz soldadu gehiagoren bila, guk eskuetako jostailu horiek kentzen dizkiegun bitartean. Aragoiarrak ez zuen betarik izan ezta zaldia astintzeko ere, nafar soldadu batek baleztaz jaurtikitako geziak lepoa zulatu baitzion. Aragoiko kapitaina zur eta lur gelditu zen soldadua ziplo lurrera erori zenean. – Eraso! Oldar gaitezen hiltzaile hauen kontra! Gaueko isiltasunean ezpaten metal hotzak gurutzatu ziren, etsaiaren gorputza bilatuz, odol egarria piztuz eta borrokaldiak sortzen zuen hordialdian barneratuz, izua, adorea eta garaipen desira, plater berean dastatuz. Aragoiko soldaduak hilda eta bi nafar zaurituta gelditu ondoren, mandoak utzi eta zaldiak xaxatuz, Olasteko mendiaren eskuinean irekitzen zen arroilarantz, lauhazka, ziztu bizian, abiatu ziren. Handik apur batera eta arroilaren babesean, Nafarroako zutoihala atera eta agerian jarri zuten, Burgira iristen ari baitziren. Ordura arte mantso ibilitako zaldiak, trostan zihoazen atsedenik hartu gabe arroilaren bukaera antzeman nahian, Erronkariko ibarrak emango zien segurtasunaren bila. Zintzurra bukatu bezain laster begi bistan zeukaten gaztelua, Burgiko gaztelua, eta atzera begiratuz, badaezpada, azken lasterketari ekin zioten gezi batzuk bere bidea eten zuten arte. – Geldi hor! Nortzuk zarete? – Erriberri Jauregikos oldaduak, eta ibiltzeko baimena dakargu, gazteluko arduradun den Lope alkaidearentzat. – Heia! Ekarri baimen hori. Bi zaldunek osatzen zuten Burgiko gaztelutik bidalitako taldea. Arretaz behatu zuten argizarizko erret-zigilua, pasatzeko baimena eman aurretik. Burgiko kale estu eta aldapatsu zein teilatuetan, elurra ageri zen eta bere horma zahar arrailduetako ate nagusiak apainduz, Olasteko gudaldian irabazitako armarria, non historiak dioenez, Abderraman el Gafeki buruzagia atxilotu ondoren, zer egin eztabaidatzen ari zirenean, haien artean emakume bat aurreratu eta lepoa moztu egin baitzion. Harrezkero, arabiar baten burua ageri da armarrietan egun seinalatuaren oroimenez, eta denen ahotan, erronkariarren ausardia eta leialtasuna koroarekiko. Benetan polita zen Burgi, Ezka ibaiaren malda aldapatsuari atxikita eta Kukula deituriko arroka erraldoi baten gainean zelatari, gaztelua, ibarra eta arroilaren sarrera behatuz, hain gertu zuten Aragoiko mugaren lehen gotorlekuak zuen garrantziaren jabe. Erronkariko defentsa Izaba eta Gazteluberriko gazteluekin partekatzen zuen. Gaztelu horren balioa estrategikoa zen oso, nahiz eta tamainaz handia ez izan. Bertatik hegoalderantz, Aragoitik gora, Salbaterratik zetorren bidea antzeman zitekeen. Iparralderantz, Urdaspaleko baselizatik haratago zihoana, Pirinioetako gailur zuriak mugarri, eta atzealdetik Nabaskoitzetik jaisten zena. Ibaiak gogor jotzen zuen, bere oinetan zubi erromanikoaren zubi-branken aurka eta bere lau begietatik pasatzen zen Aragoi ibaiaren bila, boteretsu. Hau guztia begiztatu zuten Erriberriko soldaduek herrian gora gaztelurantz abiatzean. Etxean zeuden, Erronkarin, Burgin. *** Kattalin eta Garazi, ama-alabak, herriaren kanpo aldean zegoen etxe batean gosaria prestatzen ari ziren, abereak gobernatzera joan aurretik. Burgi inguruko egoera ekonomikoa ez zen bereziki ona eta negua igarotzea gero eta zailagoa bilakatzen ari zen, arrazoi ezberdinak zirela medio: uzta txarrak, zerga ugariak Erregerentzat, elizarentzat, Orreagako erietxearentzat, eta gainera, Erronkariko abeltzainek Burgiko larretan inongo kontrolik gabe egiten zituzten txikizioak. Hau guztiagatik gazteek gero eta maizago alde egiten zuten Erriberrirantz, egoera urtetik urtera usteltzen zihoalarik. Biztanleek eta haien artean, Kattalin alargunak eta bere alaba Garazik, gero eta zailago zuten biziraupena. – Ama, Gartxotengana noa egur bila, hotzak akabatuko gaitu bestela. – Bai, zoaz! Eta bide batez pasa zaitez baita ereIxtebeiaren etxetik ea oilaskoren bat ematen dizun, zorretan dago eta. Etxetik ateratzean Ximeno almadiariarekin topo egin zuen. Garazik bazekien, Ximeno eta bere amak urte batzuk zeramatzatela elkar ikusten eta haren laguntzari esker etxeak aurrera egiten zuela, bestela aspaldi utzi behar izango zuten etxea, herria eta ibarra, Erriberarantz bizimodu duin baten bila joateko. Gizon atsegina eta estimatua zen eta berak ere gustura zerbitzatzen zuen, noizean behin otordu bat egitera zetorrenean. – Kaixo, Garazi! Ama etxean dago? – Kaixo, Ximeno. Bai, pasa zaitez. Hor duzu sukaldean. Gero arte. – Eskerrik asko. Babes zaitez, ekaitza bota behar du eta. – Hala egingo dut.Gero arte. Atean jo zuen, aurrera egin aurretik. – Kattalin, hor zaude? – Bai, Ximeno, aurrera, aurrera! Eseri zaitez! Mokadu bat hartuko duzu ezta? Ez dago eguna itzuli-mitzuli ibiltzeko. – Tira, zer kontatzen duzu? – Badakizu gaur egunsentian, bost zaldun eraman dituztela gaztelura? Haietariko bi zaurituta omen zeuden, halaxe esan dit Larranbek behintzat. Bere etxe aurretik igarotzean konturatu omen da. Zakurra zaunka ari zen etengabe eta leihotik ikusi egin ditu. – Larranbe kontakatilu hori, berehalaxe dakizki hemengo miseria guztiak, beti hitz eta pitz dabil Lope alkaidearekin. Eta? Nor ote ziren edo? – Arratsaldean jakingo du. Badakizu, zuk esan bezala alkaidearekin berehala jartzen da kalakan eta... – Tira utz ditzagun besteen kontuak. Eta zu nola zaude?Bada hilabete bat lagunak galdu zenituela. Denborak arindu ditu zauriak? Burumakur ikusten zaitut oraindik. Zer da? Eguraldi ilunaedo mina? – Dena batera, Kattalin. Gauero errepikatzen zait ametsa: Almadian goaz laurok eta arrokak gure gainean lehertu bezain laster eskua luzatzen diet eta haien begiak ikusten ditut bakarrik, Aragoi ibaian hondoratzen, laguntza eske, erreguka... – Tira, Ximeno, zuk ezin izan zenuen ezer gehiagorik egin, ziur nago. Eta pozik, ibaiak zu ere eraman ez zintuenean. Tori, har ezazu salda beroa! –esan zion Kattalinek bere eskua bizkar gainetik amultsuki pasatuz. Urteak zeramatzan Kattalinek alargun, Garazik bi urte zituenetik, hain zuzen, eta Ximeno izan zen hasieratik, diskrezioz eta errespetuz, bere gizona lagun baitzuen, eskua luzatu ziena, hutsaren truke. Baina laguntza azkenean, xamurtasun eta amodioa bilakatu eta esamesa guztien gainetik, naturaltasunez, elkar ikusten jarraitu zuten nahiz eta apaizak eta hainbat bizilagun kontakatiluk, harreman horren inguruan hainbat gauza kakaztu, Ximenok kanpoan ematen zituen hilabete luzetan. – Ximeno! Ximeno! Alkaideak gaztelura deitu zaitu. –Gartxot zen, hainbeste estimatzen zuen gaztea, Garaziren laguna. – Tira, tira, Gartxot! Lasaitu hadi, ibaiak bi harere ura ekarriko dik eta, gehiago edo gutxiago baina ekarriko dik. Zer gertatzen da? Nork eman dik mandatua? – Egurra gazteluan sartzen arinintzenean esan dit soldadu batek. – Soldadu batek! Ezin al du berak, alkaideak emandako agindua bete ala? Bai alferrak direla gure zaindari hauek! Ezer zaintzekorik ez eta herdoilak jota daude azken boladan. Banoak Gartxot, lasai. Sar hadi eta eseri sutondoan, Kattalinek izango dik hiri eskaintzeko zerbait eta. Gero arte Kattalin, aurki nago zurekin. Goiza goibeltzen, zapuzten ari zen, eta Pirinioetatik ekaitza zetorren trumilka, mendi bazterrak eta ibarra bere aho beltzean harrapatu nahian. Negu gogorra aurtengoa, zinez. Bakea emango al digu behingoz! –pentsatu zuen Ximenok. Kukula gainean zegoen gazteluraino iristeko bide-zidorra hartu zuen azken etxeak atzean utzita, eta talaia nagusian zegoen soldaduak abisua eman zuen ateak zabal zitzaten. – Ximeno da! Ireki ateak! – Hau lerdokeria! Ximeno naiz bai, nor bestela! Lau katu besterik ez gara eta halako txorakerietan ibili beharra daukagu? Utzi ateak zabalik eta kito! Ez zegoen ez Ximeno bere aldarte hoberenean gertatutakoak gertatu ondoren eta Burgin azken urteotan gainbehera zihoan ekonomia, eta giza harremanak zirela eta, halakoetan gertatzen ohi den bezala, errudunak bilatzen dira, irtenbideak bilatu aurretik. Erronkariko ibarraren herrien arteko lehia pil-pilean zegoen eta tira-birak gero eta bortitzagoak bilkuretan, batak bestea errudun eginez. – Zer nahiko du Lope alkaideak? Patioan sartu bezain laster ikusi zuen hango utzikeria. “Soldaduak gerra behar du, almadiariak ibaia behar duen bezala, bestela urduritasunak eta ugerrak jan egiten dute!”. Etxebizitzak, uhaska, zaldientzako korta eta armak gordetzeko sotoa zeuden bistan, eta ageriko soldadu apurrak, talaiakoa ezik, leihoetatik berari begira. Etxebizitza nagusian sartu zen, alkaidearenean, eta han zeuzkan Lope bera eta beste gizon bat, soldadu dotorea. Haien aurpegiak ikusita ez zekien asmatzen berri onak edo txarrak ote ziren bota behar zizkiotenak. – Egun on, Ximeno! Zer moduz zabiltza lehorrean? –galdetu zion maltzurkeriaz Lopek. Honako hau Antso kapitaina duzu, Erriberrikoa. Zurekin hitz egitera etorri da negu gorrian, gau beltzean. – Lehorrean gaizki, badakizu Lope, arrainak ura behar. Afera itsusia beraz ekarri zaituena, hala esaterik badago, egunaren argian ikusteko gauza ez bada...ez da hala, jauna? – Itsusia ez, baina garrantzitsua eta isilean gorde beharrekoa bai, zuri dagokizuna gainera. – Niri? Nire bizitzak bi ardatzen inguruan biratzen du: bata ibaia, bestea Burgi. Zertara zatoz nigana? – Jakingo duzue Erriberriko Gortean Erronkariko gizaseme garrantzitsu eta trebe bat dagoela lanean. Herri honetakoa hain zuzen. Benito arotzaz ari naiz. – Benito? Bai, beste batzuek bezala alde egin zuen, duela lau urte edo, eta Gortean bukatu al du? Bai alproja galanta gure Benito! Hura bai azkarra habia bilatzen, Erronkariko pareta hotzetatik at! – Halaxe da, eta habi ikusgarri horrek, Erriberriko Jauregiak hain zuzen, eraikuntza berriak behar ditu eta Benito da zurari dagokion guztiaren arduraduna eta hari esker nago hemen. Bere proposamen batek eta Karlos III.a Erregeren erabakiz, Erronkariko basoak ustiatzeko garaia iritsi omen da, eta baso horietako izei eta pagoz apaindu nahi dituzte jauregi berriaren gelak. – Barkatu baina orain arte, Hetxoko basoekin hornitzen zen behar hori eta hainbat jauntxo nafarren etxeak horrela daude eraikiak. Zer dela eta aldaketa hau? – Esan dizut, Ximeno, Errege txit gorenak Erronkariko basoen ustiaketa egitea erabaki du, merkeagoa izateaz gain ibarrari eta bere biztanleei lagunduko dielakoan. – Berri ederra da benetan, itolarrian dagoen ibar honentzat, baina arazo txiki bat duzue. – Bai? Zein? –esan zuen Lope alkaideak irribarrez, erantzunaren jabe zenaren abantailaz–. Ximenok bi gerlarien begietan bat-batean islatu zen konplizitate eta irria ikusi eta galdera egin baino lehen konturatu zen arazo txiki horren ardatza bera zela. – Ni? Baina nik Hetxon, Aragoi ibaian lan egin dut nire bizitza osoan... – Eta? Hain ezberdina da gure Ezka hau? – Ez...baina, hemen ez dago koadrilarik, ez dago almadiaririk lan hori egiteko. – Eta ez al du merezi ofizio berr ihau, gure ibarra, herria eta bizilagunen mesederako irakasten hastea, dakien hoberenaren eskutik, Ximeno? Ximenori istant batean irudi franko etorri zitzaizkion burura: lagunen heriotza, hurbila oraindik, Burgi herriaren gainbehera, Kattalin eta Garaziren egoera, gazteen emigrazioa, Erronkariko basoak eta Ezka ibai boteretsua... bat-batean zama ikaragarri bat sumatu zuen: bazirudien erronkariar eta burgiar guztiak so zeuzkala, erabakiaren zain. Ideia polita zirudien. Benetako asmoa izango ote? Edo udaberriak lehen beroekin urtzen zituen elurrak bezain iheskorra? Apeta bat? Erriberriko Gortean hain erraz sortzen zituzten azken modaren araberako beste gurari bat edo erregeek garai batean hain estimu handian zuten Erronkari leialaren aldeko keinu bat? Zalantzak zalantza, saiatu beharra zegoen. Gainera koadrilarik gabe gelditu izanak erabakia errazten zion, nahiz eta almadiariaren ofizioa gau batean ikasi ez, bazeuzkan Burgin bertan hainbat gizon horretarako prest, ziur zegoen. Bi mandatariak bere erabakiaren zain zeuden ardoa eskuetan, eta suaren txinka eta berotasuna bizkarrean. – To arno pixka bat, agian honek lagunduko dizu erabakia hartzen –esan zuen Lope alkaideak–. – Jakin ezazu, Ximeno, proposamen hau onartzen baduzu –berrartu zuen elkarrizketa Antsok–, Gorteko laguntza osoa izango duzula jendea kontratatu eta ardura guztia zure gain hartzeko, irabazien zati eder bat zure patriketara joango delarik. Herri basoen ustiaketa eta garraioa eta koadrilaren osaketa izango da zure ardura. Zu izango zara Erronkariko lehen almadiaria, baina ez azkena, espero dugu! Politegia zen koadro hura ezetz esateko eta ez zuen ezer galduko egitasmo horretan. Saiatu beharra zeukan eta jadanik bere urterik onenak pasatuak ziren. Askoz jota eta ibaiak errespetatzen bazuen, lauzpabost urte zituen almadietan ibiltzeko. – Azken galdera bat: noizko behar du “Erriberriko Benitok” zur partida hori eta zenbat enbor dira? – Maiatzerako edo izan beharko luke eta berakizkribu honetan dioenez, bost dozena izei. – Tira, ba, ados! Saiatu behintzat, saiatuko naiz. – Herri guztia saiatuko da, Antso kapitaina, eta hau izan daiteke Erronkarirako garai berri eta aberatsetako aldaba –gaineratu zuen Lopek. – Hala bedi! –esan zuten hiru gizonek bere kopekin topa eginez. KOADRILAREN PRESTAKETA Ardura ez ote zen handiegia berarentzat? Jendeak nola hartuko zuen bere lidergo berria hondoratzen ari zen Burgi herrian? Inbidia berpiztuko al zen beti arrotz bezala ikusia zuten herritarren artean? Ala goseak sortzen zituen urduritasunak eta beharrak bidea lausotu behar ote zioten nekazaritzaz eta abeltzaintzaz bakarrik bizitzen zekien herri hari? Galderak, erantzuna bidea eginez topatzen omen, eta ez zegoen denbora gehiegirik koadrila egokia prestatu, bizpahiru lagun almadiari eta ohiko baso-mutilak, izei egokienak markatu, lurrera bota, lehortzen utzi eta almadiak egin eta garraiatzeko. Ez zen kopuru handia Erriberrin behar zutena, baina ondo egin beharra zegoen mandatua, aurrerantzean, eskaera berriak eskuratu eta Erriberritik luzatu soka berria eten ez zedin. Denbora ez zuen alde Ximenok. Zuhurtziaz eta kemenez jokatu behar zuen epe laburrean, Aragoi ibaian urtetan egin zuen bezala, azken ekaitzaren osteko harkaitz hiltzaileak bere bizitzan mugarri beltza jarri zuen arte. – Kaixo, Gartxot. Oraindik hemen? Bai ederra Kattalinek eskainitako salda beroa, lagun. Hori duk hori lan egiteko grina! – Ximeno, badakizu zein den nik egin nahi dudan lana. Beti eman dizut matraka galanta horrekin: zu bezalako almadiaria izan nahi nuke. Noiz eramango nauzu zurekin Aragoi ibaira? – Inoiz ez, Gartxot, inoiz ez. Hori entzutean harrituta begiratu zion Kattalinek, entzuna baitzion aurki mutil gaztea eraman behar zuela berarekin ofizioa ikastera. Koilara, bat-batean, mahaian bota eta zuri gelditu zen gartxot ere. – Baina Ximeno, zuk zin egin zenidan zurekin eramango ninduzula aurten. Hori esan zenuen. Ez naiz ume moko bat jada, lagun zaitzaket edozein zereginetan. Hori esan zenidan, Ximeno. – Bai, baina ez haut Aragoi ibaira eramango... –eten itogarri bat izan zen Gartxotentzat, Ximenok irribarre batez luzatzen utzi zuena– Ezkara eramango haut, hemen etxe ondoan duan Ezkara. – Ximeno, zer diozu? –lapikoa kutzi eta mantalaren oihalarekin eskuak xukatu ondoren beregana hurbiltzen hasi zen Kattalinek –erotu al zara? Ezkan? Ezkan ofizioa erakutsi? Tira, zer esan dizute gazteluan? Beste txorakeria berriren bat? Gartxotek eta Kattalinek Ximeno inguratu zuten jakin-minez josita, ia-ia tarterik utzi gabe haien gorputzen artean. – Tirabikote, aldendu pixka bat!Burgikoarroilaren hormak Ezka ibaia bera baino gehiago estutzen nauzue eta! Gazteluan esandakoa errepikatu zien soseguz eta diru iturri berri bat izan zitekeela itolarrian zebiltzan hainbat familiarentzat. Kattalinek, Ximenok ez bezala, Burgin ematen zuen urte osoa eta bazekien zein zaila zen baratz exkax bat eta abere apur batzuk baino ez zutenentzat bizirautea eta horri gehitu behar zitzaizkion Aragoiko erresuma oldarkorraren inbasio nahiak, noizean behin Ibarran eragina zutenak modu ezberdinetan, hots: lapurren erasoak, nahita egindako suteak eta ganaduaren bahiketak, adibidez. Presioa beraz, jasangaitza bilakatzen ari zen eta agian keinu berri hau mesedegarria izango zen burgiarrentzat. – Ondo egin beharra daukagu enkargu hau, txikia izan arren. Seguruaski, Erriberriko handikiek frogatu nahiko dituzte gure ahalmena eta ofizioa, aurrerantzean erabaki berriak, handiagoak hartzeko. Gartxot hi izango haiz nire almadiarien artean begikoena, baina baita ere presio gehien jasango duana, hik izan behar duk etorkizuna denontzat, eta horregatik ez diat barkatuko ezta huts bat bera ere. Ahaztu aurrean duana Ximeno dela eta hemendik aurrera, hiregan jarritako konfiantza frogatu arte ofizioa eta hortzak erakutsiko dizkiat. Onartzen duk erronka? – Bai Ximeno! Onartzen dut. Ez zara damutuko, ziur egon. Esandako guztia beteko dut. – Hobe duk bai, bestela Ezkak jango hau, nik ez bahaut lehenago jaten. Bihar, goizeko hamarretan zubian ikusi nahi haut. Bihar arte esanez oinez baino hegan atera zen Gartxot gaztea, sinestezina egiten zitzaion opari hura eskura ikusten baitzuen. Ezkako almadiaria! Ximeno irakasle! Eta gainera bera izango zen auskalo noiz nagusia! Bere betiko ametsak, Ximenok hainbat negutan sutondoan kontatutako nabatarien abenturak, buruan tropelka zebilzkion, bihotza eta paparra leher zorian. Gartxotek hainbeste maitatzen eta ezagutzen zuen Ezka ibaia, ezustean, desiratzen zuen ofizio berriaren ardatza bilakatu behar zitzaion, eta patuak eskainitako aukera hori, inguruetan zegoen almadiaririk hoberenak, hau da, Ximenok, eskura jartzen zion. Karrika elurtuak amen batean jaitsi zituen, Ezka zeharkatzen zuen zubi dotorerantz eta hantxe gelditu zen, ibaiari begira, zurrunbilo apetatsuek zubi-branketan sortzen zituzten apar zuriak behatzen, neurtzen, zubiaren hegian urak ekarritako enbor zigortuaren nondik norakoak asmatu nahian, uharkako arroka baten gainean pausatutako buztanikararen mugimendu errepikakorrak dastatzen. Dena zen berezia egun hartan. – Zer ari haiz, Gartxot, txoro hori? Galderak ezustean harrapatu zuen azken legarra jaurtitzen ari zenean. – Garazi! Hau poza. Berri onak ditinat biontzat. – Bai? Negu gorrian, Burgi herrian, berri onak? Horrela, derrepente? Ea txundi nazak!! –bota zion maleziaz–. – Bai, ez hadi nitaz trufatu. Ximeno jarriditen arduradun Erriberriko handiek zura garraiatzeko Ezkan behera eta ni aukeratu nain laguntzaile bezala. Datorren urtean ez dun “enaren ibilbidea”2 egin beharko Mauleraino espartinak egitera. Izango dinagu nahiko diru bertan gelditu eta agian ezkontzeko. Txunditu, txunditu zuen Garazi baina ekaitzak barea dakarren bezala, berehala arrapostu egin zion: – Erriberri? Zura? Ezka? Egia al da hori guztia? Ezin diat sinetsi! Eta noiz jaitsi behar duzue ibaia? – Maiatzean, Garazi, Belagua inguratzen duten mendi garaietako elurrak urtzen direnean, hik eta nik askotan ikusi dugun Ezka hau gizentzen denean. – Baina hik ez dakik ezer horretaz Gartxot, eta maiatzean arriskutsua duk oso, badakik. – Bai baina Ximeno dinat maisu, Ximenok erakutsiko zigun. Eta besarkada batean elkartuta, bakoitzak amets ezberdinak zituelarik buruan dantzan, Ezkari begira gelditu ziren zubi gainean, eta are harantzago zeuden mendi garaiei, ibaia elikatzen zuten bortu zuriei. Arratsalde osoa eman zuen Ximenok bere koadrila egituratzen, jendearekin hitz egiten, egitasmoak azaltzen, barnean pizten ari zitzaion beste burutazio bat gorpuzten. Bai! Erriberriko proposamenak burutazio berria erein zuen bere baitan. Zergatik ez adostu Zangozako merkatariekin Erronkariko zuraren baldintza hobeak? Aragoiko ibarretatik jaisten zenarena baino prezio merkeagoak, kalitate berarekin? Gainera, nafarrak ziren, eta Nafarroaren alde jokatu beharko zuten, negoziotan pentsatzeaz gain... edo hala beharko zuen, bere ustez. Hetxoko bailaran zegoeneko koadrila bat besterik ez zen gelditzen nabatari lanetan aritzeko, ez behintzat bera bueltatzen ez bazen, eta nahiz eta aragoiarrak ia senide bezala tratatu, Erronkarira, Burgira, Kattalin eta Garazirengana begiratu behar zuen, ez bazituen aurki galdu nahi. Ideia berria indartsu ari zen bidea egiten bere barnean, udaberriarekin urtutako ur berriek ibaian berea egiten zuten antzera, baina mementoz, sekretu izaten jarraitu behar zuen. Hurrengo goizean, Ximeno eta beste hamar gizon, zazpi gazte eta beste hiru helduago, Burgiko zubian zeuden. Han elkartu nahi izan zituen, bere ofizioa izango zenaren atalik garrantzitsuenaz ohar zitezen. – Tira, lagunok, gaurkoa nire ustez egun seinalatua izango da, bai guretzat zein Burgirentzat. Hemen zaudeten gizasemeak arrazoi ezberdinengatik aukeratu zaituztet. Batzuk iaioak zarete baso lanetan eta beste batzuk, gazteenak, almadiariak izateko ofizioa ikasteko prest zaudete. Denek nire uste ona duzue, eta halaxe frogatu beharko aurrerantzean, hau ez baita lan erraza, erakargarria izan arren. Ibaia eta basoa. Horra hor gure bi lagunak zein etsaiak, beren atzaparretan harrapatuko zaituztetenak, ziur egon, eta zuen etxea zutik irauteko diru iturriak, ez ahaztu! Beraz, naturarekiko errespetua, lana eta ausardia eskatzen dizuet hemen eta orain. Oihuka dezagun denok batera: Ezka gurea! Eta hamaika eztarri bateratuk martxoaren lehen egun hartan leloa errepikatu zuten, Burgiko etxeetako leihoetatik harriduraz eta jakin-minez begiratzen zutenen aurrean. Alkaidea eta Antso kapitaina ere, bertan zeuden gertatutako guztia behatzen. – Ez al da jende gehiegi hirurogei enbor jaisteko?– galdetu zuen alkaideak–. – Batzuk baso lanetan eta almadiak lotzen besterik ez dira ariko, Lope jauna. Beste gazte hauek izango dira almadiaren gainean joango direnak. Eta prezio berdinagatik hobe zazpi lau baino, ez al duzu uste? Lope ez zen erabat gustura gelditu Ximenok emandako azalpenarekin, baina tira, mementoz bedeinkazio guztiak zituen nahi zuena egiteko. Mementoz. Ximenok ez zeukan buruan bidaia bakar bat egitea, ez horixe! Eta herriak eskertuko zion erabaki hori noizbait, ziur zegoen. Gorteak egitasmoarekin jarraitzen bazuen, ongi, baina ez zen aukera berri hau Erriberriko gurarien eskuetan soilik utzi behar. Herriak berak ere bidea egin behar zuen, ibaiek arroila gogorretan mendetan zehar egin duten bezala. Ez zion egun horri zeregin gehiago eman nahi izan. Ximenok erronkariarren ausardia eta harrotasuna zeramatzan zainetan eta ez zen bizitzaren zartakoen aurrean erraz makurtzen zen horietakoa, horregatik nahiz eta alkaideak eta kapitainak zerbait gehiago espero, eginkizunei bere erritmoa eta bere balioa ematen saiatzen zen, egun horretan ere bai. “Itxoin dezatela! Neuk agintzen dut orain hemen!” –esan zuen bere barrenerako. Hala ere, helduen arteko aizkolari trebeenei, arratsaldean, ibai inguruko zortzi izei luze bota eta erditik zatitzeko agindu zien hainbat urkiren adar zuzenekin batera. – Bihar hamarretan berriro zubian elkartuko gara –esanez agurtu zuen koadrila, besterik esan gabe. Aldakorra zen Ximeno, trumilka eta zalapartaka arroilak zein bihurguneak zeharkatzen dituen ibaia bezala, eta bestetan isila, misteriotsua, pausatua itxuraz, urak zabalguneetan baretzen direnean legez. Ez zuten ongi ezagutzen burgiarra izan arren, aspaldi alde egin baitzuen Aragoiko lurretara, ibaietara hobeto esanda, nekazaritzaz aspertuta, emozio eta lan berrien bila. Ximenok egun osoa bakarrik eman zuen, Kattalinen etxean sartuta eskulanetan, bere koadrila, batik bat, jakin-minez jota, egunsentiaren zain zegoelarik. – Zertan ari zara gizon? Kukulako harria baino isilagoa zara zerbait bueltaka duzunean kasko horretan! –bota zion Kattalinek. – Almadia bat egiten, koadrilak jakin dezan zer eta nolakoa den. Bakean utzi zuen bere lanetan, halakoetan ez baitzen oso berritsua izaten eta. Bigarren egunean, zubian, hamarretan, berriro ere koadrila osoa, alkaidea eta kapitaina zeuden, batzuk lanerako, besteak ikusteko. – Egun on denoi. Gaur sasi-almadia batzuk egingo ditugu, eraikuntzan eta ibaian treba zaitezten. Ez ditugu horretarako behar diren material berberak erabiliko baina ideia bat egiteko aski izango duzue, denborak ez digu beste aukerarik ematen eta. Tira, Gartxot! Hoa Garbisuren etxera eta ekar itzak sokak eta ginbaletak. Ekin zion ba Ximenok aginduak emateari eta zatitutako izeiak zortzinaka jarri eta muturrak ginbaletekin zulatu ondoren, elkarzut jarritako beso baten lodiera zuten urkiekin lotu zituen banan-banan, sokaren bidez. Gauza bera egin zuten beste zortzi enborrekin eta elkar lotu zituzten bi almadiak, ibaian bare zegoen txokoan. Ez zen soka ezta alanbrerik erabiltzen, hurritza, zumea eta haritz adar bustiak baizik, baina hau prestaketa, proba bat besterik ez zen, koadrila treba zedin. Gero urkila pare bat, esker eskuin, aurreko zein atzeko oholtzetan zutik jarri zituzten, segidan, landutako lema arinak bertan finkatu eta maneiatzeko. Ohikoak baino dezente motzagoak izan beharko zuten arraun hauek, almadia bereziaren bi muturretan jarri eta bere gidatze lanak egoki burutu ahal izateko. Arratsaldean iritsi zen denek espero zuten unea: almadiak bukatu zituzten. Denak Ximenori so zeuden. Eraiki ahala, etengabe, Ximeno bere jakinduria tantaka askatzen joan zen, bortuetako elurrak maiatzeko eguzki epelaren pean bezala, ez baitzen komenigarria dena erakustea bi egunetan, ezta gutxiagorik ere. “Almadiariaren oinak egunez busti, gauaz lehortu”. Garaian garaikoa ematen jakin behar zen. – Bihar hamarretan berriro zubian elkartuko gara. Ohikoa bilakatuko zen esaldi laburra, garai berrien leloa, bota eta han utzi zuten almadia zuhaitz bati lotuta hurrengo goiza iritsi arte. Antso kapitainak, arretaz begiratzen zion Ximenori. Gustuko zituen gizon haren abilezia, lidergoa, eta garrantzitsuena, patxada, segurtasun hura. – Bihar arte! –errepikatu zuten guztiek. Herrian esamesak, urduritasuna, egunetik egunera gora zihoazen. Ahoz aho botatako usteak eta betetzeke zeuden egiak, elurrolde baten antzera handitzen, puzten zihoazen. Ostatua zen lekurik aproposena ilusioari, txutxu-mutxuei, jaten emateko ordu alferretan. – Ba al dakik, zer entzun dudan, Joxe? Gazteluberri bat egiteko asmoa dutela non eta arroilaren irteeran, Salbaterraren aurrean, bai jauna! – Hik beti bezain segapotoa izaten jarraituko duk, motel! Badiagu hemen bat eta zertan behar gaztelua non eta Salbaterraren aurrean? Gerra berri bat hasteko akuilua edo? Utikan. Isildu hadi, ergela! – Bai, hau guztia Erriberrin lanean dagoen Benito... gogoratzen al duk? Bai gizona! Benito arotzak antolatu omen dik eta aurki Erregeren Kontseilaria bihurtuko duk. Gainera, hori dela medio, Karlos III.ak gure herria bisitatzeko asmoa omen dik. – Bai, gizona, eta hi ezagutzeko asmoarekin etorriko duk seguruenez, ezta? Halako astakeriekin batera errealitatetik hurbilago zegoen itxaropen berri bat zebilen airean Burgin. Ahaztutako herria eta ibarraren sentsazioak, beste bati leku egiten zihoakion egunak aurrera joan ahala, hots: Erronkari Gortearen gogoan berpizten ari zen, aurrerantzean enpresa berrietan parte hartzeko aukera eta arnas berriak bereganatuz. – Gaur, jolas batzuk egingo dituzue ibaian, enbor solteen gainean. Uharka bat egin zuten ibai hegian delako jokoa edota teknikan aritzeko eta aurrena bakarka, uretan zegoen izei potolo baten gainean mutur batetik bestera igaro behar zuten uretara erori gabe, behin eta berriro, bata bestearen atzetik. Almadiarigaientzat izan zen proba hau. Bitartean baso-mutilak zuhaitzak bota eta kedarrez zikindutako soka fin bat erabiliz, lerro zuzenak markatzen zituzten, gero enbor borobilari lau alde karratu eginez, beti ere izeiaren mutur finena aurrera begira jarriz. Xehetasun hauek garrantzitsuak ziren gero, ibaian, almadia erosoago gidatu ahal izateko. Honekin batera landare-lokarriak moztu eta uretan beratzen jartzen hasiak ziren, une egokia iritsi ondoren sokaren lana egin zezaten. Bai enborrak zein oholtzak elkarri lotzeko orduan, soka eta alanbrea baino malguagoak eta egokiagoak ziren elementu hauek. – Hi, Gartxot! Bi aldiz erori haiz uretara lau saiotan. Almadiari ederra izango haiz hi, bai jauna! –esaten zion Mielek–. – Tira, askida. Orain binaka jarri beharko zarete, bakoitza mutur batean eta helburua, bestea enborretik botatzea da. Ximenok bazekien Gartxotek ordu alferrak ematen zituela sarritan enborren gainean jolasten bere lagunekin eta alde horretatik behintzat, ongi baino hobeto mugitzen ziren almadiarigaiak bere garraioa izango zenaren gainean. Goiz osoa eman zuten bakoitza bere eginkizunetan eta bazkalostean iritsi zen denek desiratzen zuten une magikoa, oilo ipurdia jartzen ziena, hau da: almadia uretara bota eta 100 bat metro beherago, uztartutako mando talde bat zain zeukaten punturaino jaistea. Gero almadiak mandoei lotu eta arrastaka berriro ere, Burgiko zubi ondoraino eramango zituen mandazainak. Ximenok bazekien hori hurbilpen xume bat besterik ez zela baina berari aukera hori ere ez zioten eman bere garaian. Lehen irteerarako, aurreko oholtzan Ximeno eskuin eta Gartxot ezker, eta atzealdean Miel eta Ixtebe. Hainbeste indarrez heltzen zioten arraunei, eskuak zuriak zeuzkatela, odolik gabe, hain zen berezia une hura, hain zen magikoa gazte haientzat bere bizimodua markatuko zuen erabaki hura. – Gogoratu esaera zaharra!– oihukatu zien Ximenok– aurreak erakusten dio atzeari nola dantzatu. Ados? Guk biok arraunekin bidea irekiko dugu, eta zuek gu jarraitzea besterik ez duzue, guk saihestutako arrisku berberak saihestuz. Bai? Atzeko bi gazteek, bai esateko adina listu eztarrian ez, eta mekanikoki, biek batera baiezko imintzioa egin zuten buruarekin. – Tira lagunok, apur dezagun urduritasun hau, gure leloa denon artean errepikatuz: Ezka geurea! ! Eta lelo magikoak, ez bakarrik zubiaren ondokoek, baizik eta begira zeuden beste hainbeste herritar hunkituen eztarrietatik atera eta eztanda egin zuen Burgiko inguruetan: Ezka geurea! Alkaidea eta kapitaina pozik zeuden herriaren erantzun bateratu hura ikustean eta ohartu ziren egitasmo hura, Erriberriko arotzak aholkatu zien bezala, esku hoberenetan zegoela: Ximenoren eskuetan, alegia. Baina jarduera guztietan bezala beti dago baten bat zerbait gehiago espero eta erresuminduta gelditzen dena, “dagoen ura ez baita baratz guztietara iristeko beste”. Herrian nahitaez, edonon bezala, bazeuden mailak, boterea eta diruaren arabera gauzatuak, eta proiektu honen berri izan bezain laster, Nikolas jaunak, abeltzain aski indartsuak, Ximenorengana jo zuen bere semea koadrila horretan sartzeko asmoz, baina Ximenok bi irizpide erabili zituen koadrila osatzerakoan: jende prestua lanerako eta behartsua, familiak aurrera ateratzeko lan berri baten beharra zeukana. “Beharrak behargina sortzen omen” baina ez zen hori Nikolasen etxearen egoera. Proposatutako mutilak, Joxek, ez zeukan ez diru beharrik eta ezta ere seguruenez, lana egiteko asmorik. Beste batzuk ziren Nikolas diruzalearen asmoak: negozio berrian sartzea, negozioa berak kontrolatzeko asmoz. Horren usaina hartuta, Ximenok ezetza eman zion, eta ezetz horrek, Ximenoren bizitza eta proiektu berriaren bideragarritasuna kolokan jarri zuen epe laburrean, berak jakin gabe. “Nire etxean inoiz ez da onartu ezezko bat, are gutxiago alproja baten ahotik. Hireak egin dik Ximeno, hireak eta hire sasi-negozio horrenak ere” –egosi zuen bere baitan Nikolas ustelak. Nikolas abeltzainak harreman estuak zituen Antso bailarako beste abeltzainekin eta aurki, morroi bat bidaliko zuen Antso herrian zuen horietariko bat bisitatzera, Burgin gertatzen ari zenaren berri emateko asmoz. “Edo nirekin edo inorekin ere ez, Ximeno, hik aukera egin duk, dagoeneko” –errepikatzen zuen ahopeka, amorruz, Nikolasek. “Gozoak jarriko dira ba Hetxoko bailaran dakitenean nafarrek lehia egin nahi dietela, orain arte berea bakarrik izan den negozio horretan! Batek baino gehiagok hire burua eskatuko dik... ibaian behera botatzeko! Hi desagertzen bahaiz akabo Erronkariko almadiak. Ez duk herri honetan ni ez naizen beste edonor aberastuko. Edo nirekin edo inorekin ez, Ximeno.” Isilpean mantendu behar zuen bere mendekua Nikolasek, Burgi herriak isilpean mantendu nahi zuen bezala diru iturri berria, Ximenoren beste egitasmoarekin batera. Sekretu gehiegi mugan, lehian, biziraupenean ari zen herri txiki batentzat. Baina “Izabako uren aparrak uste baino lehen dira Zangozan”. Sekretuek bide laburra izaten ohi dute, hala dio herri jakinduriak. Gizonek askotan ausardia dute bidelagun, emakumeek zuhurtzia eta abilezia ia beti. Horrela, Kattalinek zera esan zion, bere ohean zuen Ximenori: – Ez al duzu uste Hetxoko aragoiarrek ez dutela zure egitasmo hori begi onez ikusiko? Orain arte beraiek izan dira almadiari bakarrak, eta bat-batean alboko ibarrean, zeinek eta beraiekin ibilitako Ximenok konpetentzia egin nahi die! Ez al da arriskutsuegia hau guztia? – Bai, pentsatu dut horretan ere Kattalin, baina nik ez diet ezer zor aragoiarrei. Nire bizitza osoa lan horretan eman dut eta nire lepotik, behartsuekin gertatu ohi den bezala, beste asko gizendu dira. – Bai, baina hori haiei bost! Zu koadrila prestatzen ari zarela jakin bezain laster, zure atzetik joango dira. – Lasai, Kattalin, nola jakingo dute ba? Konturatzen direnerako hitzartuta izango dut ezagunak ditudan Zangozako merkatariekin hainbat zur partida eta kontaktu eta koadrila berriarekin aurrea hartuko diegu Aragoiko nabatariei. Hortik aurrera lehia komertziala besterik ez da izango. Ez dute ba pentsatuko negozio hau betirako beraiena izatea? – Zuk jakingo duzu, Ximeno, baina erne ibil gaitezen! –gogor besarkatu zuen Kattalinek Ximeno pentsakorra lotan gelditu aurretik. Bi aste zeramaten, batzuek ibaian gora, ibaian behera, almadiari lanetan praktikak egiten, eta aizkolariak izeiak bota, adarrak kendu, enborrak prestatu, ibai ondora mandoekin arrastaka eraman, lokarriak aukeratzen. Zegoeneko, ofizio itxura hartzen ari zen Ezka inguruko zeregin hura, eta herrian “almadiariak” goitizenarekin ezagutzen zituzten jadanik. Kontuak, neurriak eta erabakiak hartzeko garaia iristen ari zen. Bost metroko izeiak aukeratu. Pago bakoitzeko hiru izei behar ziren, pagoa egur ona bai, baina astunegia zen aukeran, ur gainean mantentzeko. Oholtza bakoitza hamabikoa egingo zuten lehen bidaia honetan: hiru pago eta bederatzi izei beraz, eta almadia luzeegiak ez egiteagatik, mementoz bi izango ziren, eta ez bat ohi bezala: lehena hiru zatikoa, Ximeno eta Gartxot aurrean eta beste bi atzean gidari eta segidan, haren atzetik, bigarren almadia joango zen, txikiagoa, bi oholtzaz osatua lau gizonekin, bi aurrean eta bi atzean. Noiz? Maiatzaren lehen urekin, ez beranduago, Burgiko arroila gehiegizko urekin, hasi berrientzat arriskutsua izan zitekeelako, eta ez lehenago, ur eskasiarekin almadiak behin eta berriro traba ez zitezen. Ximenok egunak zeramatzan Burgiko arroilak mugatzen zuen Ezkaren ibilbide hura aztertzen, neurtzen, ezagutzen, arroken kokapena eta zurrunbiloena zehazten, gordetzen bere buruan. Bazekien handik atera eta Aragoiko lurrak zeharkatzen zituen Ezka ez zela hain arriskutsua eta Aragoi ibaiarekin elkartu ondorengo bidea ezaguna zuen aspalditik. Arroila kontrolatu beharra zeukan eta gauero, lotan gelditu aurretik, buruz errepasatzen zuen Ezka zirina, bere laguna izan zen Ramirok deitzen zion bezala, zorigaiztoko azken bidaia hartan. Baso lanek bere bidea jarraitzen zuten baina bilera bat egin behar zuen Lope alkaidea eta Antso kapitainarekin, azken zalantzak plazaratzeko gutxienez. Kukula gaineko gazteluan elkartu ziren hiru arduradunak, alkaidearen etxean, hain zuzen. – Ximeno, zoriondu behar zaitugu benetan, erakusten ari zaren adorea eta interesagatik. Badirudi Erriberrirako baino zeure buruarentzat ari zarela lanean. Proiektuan guztiz murgilduta ikusten zaitut –bota zion ironiaz alkaideak–. – Antso kapitainak esan zuen bidaia hau nolabaiteko froga zela, aurrerantzean Erronkariri basogintzan bide berriak irekitzeko. Froga ondo baino hobeto egin nahi dugu burgiar guztiok, ez nik bakarrik! Jende askorentzat hil ala biziko egitasmoa da. Honek aurrera egiten badu ez dute ibarretik alde egin beharko, bere herrian gelditzerik izango dute. Nire uste apalean, Lope jauna, asko dugu jokoan lehen bidaia honetan eta horregatik hitz egin nahi nuen zuekin azken xehetasunez, hain zuzen. – Adi-adi gauzkazu Ximeno, benetan –erantzun zion Antso kapitainak. – Almadiak prest dauzkagu ibai bazterrean, ur emariaren une egokia profitatzeko asmoz, baina badira pare bat arrisku gutxienez bidaia honetan, garraioaz gain. – Bi besterik ez badira, gaindituko ditugu, Ximeno –berriro ere kapitainak, bilera hartzen ari zen seriotasun zama arindu nahian. – Zangozara, hots, nafar lurretara iritsi aitzin, Aragoiko lurrak zeharkatu behar ditugu eta mugan gaude, beti ere lehian gure bizilagunekin. Nik badakit Salbaterra eta Sigueseko jendearekin ez genukeela inolako arazorik izan behar, ezaguna bainaiz eta lagunak baititut herri horietan... – Erne baieztapen horiekin, Ximeno! Horrela esanda badirudi zure lana dela medio, lagun gehiago dituzula otsoaren etxean zurean baino. –etengabe zirikatzen zuen Lopek. – Orduan? Zure ustez, non dago arriskua, Ximeno? – Salbaterran soldadu aragoiarrak daude, Siguesen ez bezala, arroila zelatatzen. Zer egingo dugu handik pasatzeko, lehen bidaia honetan? Isiltasuna hedatu zen, hainbat ardo tragoxka egiteko parada emanez. Antso kapitainaren txanda zen, halabeharrez, eta honen begirada Loperengandik Ximenorengana pasatu zen hasperen luze baten bidez. – Bai, egia da ez direla garai errazak eta gure Errege Karlos III.ak bereak eta bi egin behar dituela bakea mantentzeko, nahiz eta jakin Aragoi, Gaztela eta Frantzia beti erasotzeko prest daudela edozein aitzakiaren truke... eta hau izan daiteke horietako bat. Gainera, zera esan behar dizuet: Erriberritik Burgirako bidaian, Salbaterran, hain zuzen, liskar bat izan genuen soldaduekin eta partida bat hil egin genuen. Suposatzen dut, saihestezinezko ekintza haren ondorioz, alarma guztiak piztuta dauzkatela, eta hori gure bidaiaren kontrako beste elementu bat gehiago izango da. Sentitzen dut, baina hau da egoera. Lopek berrartu zuen moztutako elkarrizketa. – Garbi dago ezin ditugula gizon armatuak bidali almadiarekin batera, ez bertan ezta zaldiz ere, bestela liskarrak berpiztuko genituzke, beraz, abentura honetan almadiariak bakarrik egongo zarete, berriro ere Aragoi ibaia Nafarroako lurretan, Esa herriaren ondoan, sartzen zareten arte. Handik Santakararaino nafar soldaduak izango dituzue lagun, inongo gorabeherarik izan ez dezazuen. – Ongi, ez dago erronkarik arriskurik gabe, baina, aurrerantzean, Errege txit gorenarengandik jasotako hitzek dioten bezala, bidaia gehiago egin behar baditugu, zer egingo dugu mugaren arrisku hori ekiditeko? – Gero gerokoak –esan zuen Antsok, ez baitzen erantzunaren jabe eta. Oraindik egitasmo hau hasi besterik ez da egin eta nire ardura izango da, zuek Esa herrian behar duzuen harrera izatea, eta Erregeren erabakia zure galderari erantzuna ematea, hala baderitzo. Zorte on Ximeno, Esan elkar ikustea espero dut. Mahaitik altxatu ondoren kapitainak bostekoa eskaini zion. Bere agurrean eta begiradan, gizon jator eta leial baten zantzuak antzeman zituen Ximenok. – Han egongo gara, ziur egon, kapitain jauna! Han egongo gara. Topa egin dezagun: Nafarroagatik! Erronkarirengatik! Gure errege Karlos Prestuarengatik! Topa! Hiru edalontziek elkar jo eta eztarriak busti ondoren mahaian gelditu ziren, eutsi zituzten gizonek alde egiten zuten bitartean. Kapitaina gau horretan bertan, bere soldaduekin Hiru Koroetako borturantz abiatu zen, gero, mendeetako altxunbideari jarraituz Leireko mendikatetik monasteriorako bidea hartzeko asmoz. Esara iristean, diskrezio handiz, patruila bat jarriko zuen begirale gau eta egun, almadiari erronkariarren zain. Hurrengo egunean, ohi bezala, hamarrak aldera, zubian elkartu ziren almadiariak, Ximenoren azken aholku eta azalpenak entzuteko. Denek desiratzen zuten eta era berean urduritzen zituen ekintza gainean zeukaten, Ezkaren emaria gora baitzihoan. Ximenok azken hitzak bota zituen gizonen aurrean eta bereziki berarekin almadietan Ezkan behera joango ziren lagunentzat. – Lagunok, jakin behar duzue, iritsi dela unea eta arazo bakarra ez dela almadia egoki gidatzearena. Arroila igaro bezain laster badakizue ordu batzutan Aragoiko lurretan egongo garela, horrek dituen arrisku guztiekin; agian, bizitza bera ere jokoan jarriko dugularik. Oraintxe da atzera egiteko garaia, gero inork ez baitu txintik esango halako erabaki baten aurrean, asko arriskatuko baitugu denok. Bihar, lehen argiekin aterako gara, baina jakin behar dut zenbat izango garen. Gartxotek hartu zuen hitza: – Niretzat aspalditik itxaroten ari nintzen unea iritsi da eta, agian nire ezjakintasunetik diot aurrera egingo dudala; ez bakarrik almadiari izateagatik, baizik eta Burgirengatik, nire etxearengatik. Eta horrexegatik hain zuzen, denona den ibai honetatik, gure basoek emandakoa garraiatzeko askatasuna eta eskubidea geurea dela ere aldarrikatzen dut eta inork ez digula hori kenduko, guk inori kenduko ez diogun bezala. Ni banoa! Eta barrenetik ateratako desira eta kemena nahasturik, elkar begiratu eta banan-banan, aukeratutako gizonek, sententzia bera jaurti zuten: – Ni banoa! – Ezka geurea! –atera zen almadiarien erraietatik, onean ala txarrean, odolezko eta harrotasunezko anaien arteko zin sakratua bezala. – Ezka geurea! –errepikatu zuten denek maiatzeko uren islan beraien beldurrak, nahiak, desirak, eta guztien gainetik, bizitzeko kemenak bultzaturik. Esan beharrik ez dago, Erronkarin nekazari, abeltzain, baso zein baserri lanetan jarduteaz gain, gerlari trebea izan beharra zegoela, seguruenez muga gertu izatearen eraginez. Sarriegi, zoritxarrezko edozein liskar, segada, lapurretaren aurrean, erantzun egokia emateko pronto izan behar ziren eta Ximenok, gazteak bai, baina ez ume mokoak, aukeratu zituen almadiari bezala. Zazpi gazteen artean hiru oso trebeak ziren arkuarekin eta gainontzekoak, beste hainbeste bai ezpata zein aizkorarekin, Ximeno bezala. Atzeko almadian arkulari bat joango zen, eta aurrekoan bi, Gartxot eta Miel. Ez alferrik, baso lanez gain, arkuarekin trebatzen ibiliak ziren azken egunetan, badaezpada. Burgitik Salbaterrara zazpi kilometro inguru egon zitezkeen Ximenoren kalkuluen arabera eta hortik Esaraino hogeiren bat. Horiek izango ziren arriskutsuenak. Ura eta zortea lagun, bi ordu inguru beharko zituzten onik ateratzeko. Istripurik egon ezean, asmoa zera zen: beti aurrera, nahiz eta soldaduak agertu, beti aurrera, Nafarroako mugara iritsi arte, eta ahal zela, eraso eta probokazioei jaramonik ez. Eta almadiaren gainean denak isilik, txintik atera gabe. EZKAN BEHERA, ERRIBERRIRANTZ Eunsentiarekin batera prestatu ziren almadiariak bere oholtzen gainean, bakoitzak bere zeregina, ustez, ongi baino hobeto zekielarik, armak bizkarrean trabes. Herritarrek ere ez zuten galdu nahi izan egun seinalatu hura, seguruenez, –hala nahi zuten askok behintzat–, beraien geroa hobetuko zuen egun berezi hura, eta zubi gainean paraturik, batzuk malkoak lehertzear eta besteak ulertezinezko zirrarak jota. Neska-lagunek bere mutilak besarkatu ondoren, animuak luzatzen zizkieten etengabe. Ximenoren almadia, Gartxot aurrean lemazain eta Miel eta Ixtebe atzealdean, izan zen ateratzen lehena, eta ibairatzearekin batera, lelo magikoa jaurti zuten, gero burgiar guztiek zubitik behin eta berriro errepikatu zutena: Ezka geurea! Ezka geurea! Eta bigarren almadian, Luxio eta Joxe aurrean eta Martin arkularia atzean, Xabierrekin batera, ibaian behera abiatu ziren, aurrenak utzitako lorratzari jarraikiz. Herriko umeak, ibaiari jarraitzen zion bidean barna korrika hasi ziren, oihuka eta builaka, metro batzuk aurrerago alkaidearen soldaduek lasterketa eten zieten arte. – Hemendik aurrera ezin da! Almadiariek bakarrik joan behar dute. Ezin gara arroilaren irteerara atera aragoiarrek ikus gaitzaten. Tira! Itzuli herrira zalapartatsu halakoak! Urtetan, errotarako, garbitzeko, soroak ureztatzeko eta beste hainbat eginkizun xume eta beharrezkoetarako ibai bat besterik ez zen Ezka hark, halako batean beste dimentsio bat hartu zuen, urteen poderioz ibarraren bizkarrezur ekonomikoa bilakatuko zena. Hastapenetan zeuden, eta hastapenak beti dira kitzikagarri bezain arriskutsuak. Erronkariar herritar ausartak, ordea, beti bezala erronkei heltzeko prest agertu ziren, beldurrik gabe, hankak lurrean eta kemena, ausardia eta ofizioa almadietan Ezkan behera zihoalarik une hartan. Apustua martxan zegoen, baina burgiar guztiek ez zuten haren alde jokatu. Nikolas abeltzain ezaguna, isilpean sare pozoitsu bat hedatzen ari zen Hetxo ibarrean, Aragoiko lurretan, almadien irteera antzeman baino egun batzuk lehenago “Txurrut” goitizenez deituriko morroi bat bidalita. – Kaixo, Txurrut! Ohi baino azkarrago etorri zara aurten. Berri bereziak ditugu Burgiko gazteluari buruz edo? – Ez, hau ez da Erronkarin gertatzen diren mugimendu militarrei buruzko ohiko informazioa, honako honetan beste egitasmo baten berri ematera natorkizu, baina beti hobeto hitz egiten dut zintzurra bustita dudanean. Ez al zara gogoratzen? – Tira, Txurrut, nola ez naiz gogoratuko, ba? Marisa, ekar ezazu txarro bat ardo gure lagunarentzat, hori baino gehiago merezi baitu Aragoiren alde emandako zerbitzuak direla eta. Egunen batean zure nagusiak izango du merezi duen ordaina, Burgiko gazteluaren alkaidea izendatu eta Aragoiko bandera dantzatzen denean Erronkariko ibarrean. Tira, zer da esan behar didazuna, Txurrut? – Negu beltzean bost soldadu etorri ziren herrira, horietako bi zaurituta, eta harrezkero, Hetxo bailaran ezaguna duzuen erronkariar bat almadiari koadrila bat prestatzen aritu da etengabe. – Ez da izango, Ximeno, zuk esaten duzun hori? – Bai, bera da. Eta seguruenez gaur ez bada bihar, bi almadia jaitsiko ditu Ezkan behera Erriberrirako, Aragoiko lurretan zehar eta Aragoiko nabatarien negozioaren aurka –eta bigarren zurrutada eman zion txarrotik ateratako ardoari. – Ximeno! Txakurnafar malapartatua... eta inozo galanta. Sekulako aukera emango digu muga aldean gatazka pizteko, almadiak aitzaki. Dena den berandu xamar zabiltza Txurrut, zeren seguruenez abiatu, abiatu dira ibaian behera, ezta? Nik dakidan apurragatik maiatzeko urak dira egokienak bai Aragoi ibaia zein beste edozeinetan, almadiaz jaisteko. – Halaxe da. Baina ez dut aukerarik izan lehenago iristeko. Badakizu, bidea luzea da Erronkaritik hona– esan zuen txarroa hustuz–. Heia, andrea! Atera ezazu beste txarro bat, eguna luze doa eta. – Ongi da! Informazio garrantzitsua zure nagusiarena, bai alafede! Hartu ostatu betiko lekuan eta ni arduratuko naiz zuen almadia eta almadiarien auzia konpontzen. Ea nola ateratzen den Erriberriko Gortea ataka honetatik. Hetxo herriko abeltzainak, Markosek, abereen negozioa zela medio, ate ugari jotzen ere bazekien eta bere kide zen Nikolasek bezala, mugaren gorabeherak probestuz, dirua beti akuilu, horrekin batera botere gose aseezina helburu zuen. Azkar mugitu beharra zeukan bi ate jotzeko: bata Hetxoko ardura militarra zeukan Ramiro kapitainarena eta bestea, hango nabatari famatuarena: Romanena. Ezaguna zen Hetxoko ibarrean Ximenoren eta Romanen koadrilen arteko lehia, bien artean kontrolatzen baitzuten nabatarien negozioa. Romanek sekulan ez zuen onartu nahi izan erronkariar baten presentzia Aragoi ibaian eta ez zen gehiegi fidatzen Ramiro eta beste nabatari siguestarrekin, azken batean aragoiarrekin baino nafarrekin baitzuten harreman handiagoa. – Denborak, azkenean arrazoia eman dit! Ikusten? Bere kideak hil ondoren berehala antzeman zaio nongoa den! Banekien berandu baino lehen halako zerbait gertatuko zela! –esan zuen Romanek Markos abeltzainaren berria entzuterakoan– banekien! Ba ez zaio hutsaren truke aterako negozio hasi berri hori. Hasi bezain laster hondoratuko zaio, Ezkaren ur zirinetan! Bai horixe! Halako zerbait zen Markosek entzun nahi zuena, eta ezer gehiagorik esan gabe, gorroto eta mendekuaren hazia sakon erein ondoren, zera esanez agurtu zuen: – Beno, Roman, zuek ikusiko duzue nola erantzun probokazio honi! Zure eskuetan uzten dut. – Zoaz lasai, bidaia bat egingo du baina agian azkena izango da. Txakurra hil ondoren akabo gosea. Irribarrea ezpainetan, alde egin zuen Ramiro kapitainarengana, bere ereite pozoitsuarekin jarraitzeko asmoz. Ziur zegoen informazio hark, beste asko bezala ordaina izango zuela berandu baino lehen. Ezkaren lehen bihurguneetan Ximeno eta Gartxot erne eta trebe zebiltzan lehen almadia gidatuz, noizean behin atzetik zetorren bigarrenari istant batean so eginez. Ezka bihurriak margotzen zituen ibilbide lasterrak ondo baino hobeto baliatzen ari ziren nafar almadiariak; hala ere, abiadurak eta ibaiaren ur-orroek sabeleko korapiloak are korapilatsuagoak bihurtzen zituzten. Urduritasuna, harridura, sentsazio berriak eta bizitzeko grina pizten ziren almadiari gazteengan, almadien norabidea aldatzeko arraunei eragiten zieten bakoitzean. Hurritzaren adar bustiekin elkar lotutako enborrek kirrika egiten zuten, behin eta berriz, eta bazirudien edozein unetan askatu eta hankapean zuten zurezko zorua ibaian barreiatzeko pronto zegoela. Soinuak, kolpeak, hanka bustiak maiatzeko ur hotzetan, bortu gorenetako elur urtu berrien seme-alabak ziren ur haietan; eta arroilan zehar Aragoitik zetorren haize xafladak, bereziak sentiarazten zituen gizon haiek, gazte urduri haiek. Azkar, uste baino azkarrago, igaro zuten Burgi eta arroilaren irteeraraino zegoen distantzia, urak almadia azkar dantzatzeko gogoa baitzeukan. Igaro zituzten zurrunbiloak, olatu guneak, jauzi txikiak, harkaitz galantak. Bihotza haien hurrean pasatzean, eztanda egiteko zorian jartzen zitzaien. Gertu, gertuegi pasatu ziren sekulako harkaitz baten ondotik, ia-ia eskuarekin bultzatzeko gogoa emateraino. Bigarren almadia, arinagoa, eta lehenaren erreferentziaz baliatuz, azkar zetorren gibeletik. Distantzia mantendu beharra zegoen bestela talka egin zezaketen elkarren kontra. Aragoiko lurretan, uretan, zeuden nahiz eta Ezkan jarraitu! Zentzumenak zorroztu beharko, alajaina! : ibai-tarte ezezagunari erreparatu, mendixka batean zelatari eraikitako Salbaterrarantz etengabe behatu, baita ibai bazterretan, edozein bihurgunetan atera zitekeen ezusteko patruila... Salbaterrak ibai ondoan dituen soroetan, ordurako lanean ari ziren nekazari batzuk zutiarazi eta ahoa bete hortz utzi zituen ikuskizun hark. “Zer kristo ote gizon haiek egiten ari zirena? Erotuta zegoen ur horiekin, abaila horretan, infernuko zulotik sortua zirudien talde hura enbor korapilatuen gainean, nolabaiteko dantzan, balantzaka, eroen gisa ibaian behera joateko? Elkar begiratu zuten almadiari eta laborariek eta baita Ximenok agurtu ere –Egun on! xelebre batekin, irribarrea ezpainetan, inongo erantzunik jaso gabe lehorrekoen aho harrituetatik. Harrizkoak ziruditen laborariek. Lurrari iltzaturiko irudiak. “Tira, mementoz uste baino hobeto goaz. Taldeak osorik jarraitzen du inongo istripurik gabe eta, alajaina! uste baino mutil trebeagoak suertatu zaizkit burgiar kementsu hauek” –pentsatu zuen Ximenok alaitasuna begietan, Gartxoti begiratzean –“Berriro ere ibaian, hau da nire bizitza, hau da nire grina, hau izango da nire ibaia, nire jendea”– eta aurrerago, Salbaterra atzealdean uzten zuten une hartan, ibaian olatu zabalak antzeman zituen, bere apar deigarriekin. Orduan abisua pasa nahian, hanka zurezko zoruaren aurka jo eta buruarekin batera keinu bat eginez, erne egoteko esan zion isilka Gartxoti. Salbaterratik Siguesera hiruzpalau kilometro zituzten, eta azken herri honek nahiz eta ibaitik gertuago eraikia egon, ez zuen normalean soldadu-talderik. Olatu zabalen uretan murgildu zen lehen almadiaren muturra, aparrak oholtzan gainera egin eta beraien belaunak bustitzen zituelarik. Ximeno eta Gartxoten arraun luzeak, ia zortzi metrotakoak, uraren azalean sartzen ziren, gidaritza eta arakatze lana une berean, oreka hauskorrean, bilatuz. Gehiegi murgilduz gero uretan barrena, harkaitz ezkutu eta sendo bat jo eta puska zitezkeen, almadia eta gizonak arriskuan jarriz, eta oso azalean ibiliz gero ez lan bat eta ez bestea ez zuten burutuko. Horra hor muturreko gidaritzaren arriskua eta jakinduria. – Aragoi ibaia! –esan zuen Ximenok, berriro ere zoruan kolpeak emanez, Gartxoten arreta bereganatu nahian–. Bizpahirutan errepikatu behar izan zuen Ximenok, Gartxot trantzean zegoela baitzirudien. – Gartxot! Dena ondo? Gartxot! – Bai, bai, Ximeno, dena ondo –errepikatu zuen gazteak, txistua irentsiz –dena ondo doa. Urduritasuna eta abentura erraietan atxikirik zeuzkan gazteak. Bi kilometro gehiago eta Aragoi ibaiaren uretan sartuko ziren. Hortik aurrera lasai bidaiatzeko aukerak biderkatzen ziren, bai Ezko zein Tiermas herri aragoiarretatik ikusiz gero, nabatariak zirela pentsatuko baitzuten, eta ez almadiari nafarrak, ordura arte existitu ere, existitu ez zirelako. Pentsamendu horietan murgilduta, eta Aragoi ibaiarekin talka egiteko zorian, soinu bat entzun zuten, alboka antzeko soinu bat, errepikakorra, temosoa. Begirada altxatu eta talde armatu bat ikusi zuten altua ematen ibai bazterretik. – Geldi hor! Geldi hor! Errepikatzen zuen Aragoiko bandera zeraman soldaduaren aurreko agintariak. “Ez hor, eta ez inon” –pentsatu zuen Ximenok, betozkoa jarrita, Gartxoti eta atzeko almadiariei begira, buruarekin ezezko keinua egiten zielarik. Lau zaldunek osatzen zuten partida, tarteka-marteka desagertu egiten zen makalaldi edota beste zuhaitz batzuen oztopoa zela medio, aurreraxeago tematsu berragertzeko berriro ere. Halako batean, tarte luze batez, ezintasunaren poderioz betirako joanak zirela zirudienean, ibaiertzean agertu ziren armak eskuan. Erantzuna bat-batekoa izan zen: – Tiro egiek, Gartxot! Banderaren mas tara! Lortuko al duk? Ikus dezatela ez ditugula hil nahi, aukera guztiak izan arren. – Bai, Ximeno. Ongi. Gartxotek arrauna uretatik atera, urkilan utzi eta amen batean armatu zuen arkua, bi gezi, bata bestearen segidan, almadia mugikorraren gainetik, banderaren mastan sartuz. Nahikoa izan zen erakustaldi hori soldaduak harrituta uzteko, beraien muturren aurretik, Ximenoren agur zeremoniatsu bat jasoz, lehen almadia igarotzeko behar bestekoa. Baina berriro ere, bi gezi nahiko ez, hor nonbait, eta armaz oldartu behar zitzaizkienean, atzeko almadiatik Martinek gauza bera egin behar izan zuen. Lau gezi nafar Aragoiko banderaren mastan iltzaturik! Erakustaldia, bigarrenean behingoz, ulertu egin zuten. Tematsu, bi zaldun Tiermaserantz atera ziren, laguntza bila. Beranduegi dena den, bertan zuten Aragoi ibaiak zailago egingo baitzuen edozein saiakera, ertzetatik zabalera dezente handitzen baitzen. Talka galanta jaso zuten almadiek, eta almadiariek Ezkak bere urak Aragoiren barrenean isuri zituenean. Bi erraldoi aurrez aurre, naturaren bi zain boteretsuek bat egiten zuten lur berriak elikatzeko, Burgiko almadiari harrituek bere abentura jarraitu ahal izateko. Ximenok, Gartxotek, Mielek eta Ixtebek elkarri begiratu zioten orain, ibai berriaren ur indartsu baina mantsoagoetan, erlaxatzeko aukera izan zutenean, agur beroa bidaliz atzeko almadiariei: Luxio, Joxe, Xabier eta Martin arkulariari. – Ongi aritu gara. Bai jaunak! Ongi baino hobeto portatu zarete almadiari berriak! Ez duzue aurrerantzean nabatarien beldurrik izango, ez horixe! Ezka geurea! – oihukatu zuen Ximenok – Ezka geurea! –erantzun zuten beste guztiek, ukabila altxatuz. Benetan bizia izan zen arroilaren geroztiko tartea, trinkoa, arriskutsua, baita gazteek erakutsitako ausardia eta adorea ere. Burgin koadrila prestatzen emandako orduak eta gazteak erakusten ari ziren berezko sena izan ziren mementozko garaipenaren giltza. Eskuineko bidean ikusten ari ziren bi zaldunak laukoan zihoazen, hautsa harrotuz, Tiermasko gotorlekua helburu. Hala ere ez ziren garaiz iritsiko. Jarraitu zuten Nafarroa eta Aragoiko urak nahasirik zeramatzan ibai hartan almadiak gidatzen eta aurki izan zuten eskuinaldean, mendi muinoan zut, Tiermaseko herri dotorea, zelataria, bere bidaiaren azken oztopo larria. Urrutiegi altxatzen zen herri gotortua, Aragoi ibaiaren ibilgutik. Honako honetan behintzat, ez zuten astirik izango bertako soldaduek almadiari ausarten bidea oztopatzeko. Nafarroako muga antzematen hasiak ziren eta sakan sakon batean murgiltzen ari ziren, Esako herri nafarra mendi kaskoan antzeman zutenean. Altxatu berria zen hautsagatik, patruila bat beraiengana zetorrela pentsarazi zien. “Ibaiertzean atseden hartzeko ordua”. – Tira, Nafarroan gaude eta gure bila datoz soldaduak. Itxoin diezaiegun ertzeko ur bare horietan –eta besoarekin norabide aldaketaren berri emanez atzekoei, almadiak geldiarazi zituzten. Bigarrena aurki iritsi zen hondartzara eta sokak elkarri pasatu eta lotu ondoren jaitsi ahal izan ziren. Hankak bustita eta dardarka zeuzkaten eta beraien aurpegietan antzeman zitekeen Burgitik atera ondoren, epe motz horretan gertatutako guztiaren sentsazio metaketa, urduritasuna, alaitasuna eta garaipena nahasturik. Mozkorraldian murgilduta ziruditen. – Ezka geurea! –oihukatzen zuten denek elkar besarkatuz. – Eguerdi on, lagunak! –agurra luzatu zuen soldaduen buruan zetorren Antso kapitain irribarretsuak. – Baita zuri ere, Antso kapitaina! Aspalditik ez nintzen hainbeste pozten soldadu bat ikusteagatik! Ongi etorri ibaiaren eremuetara! – Ikusten dudanagatik lortu duzue helburua. Izan al duzue liskarrik aragoiar tropekin? – Bai, zoritxarrez izan dugu, baina ez da zauriturik egon, ez zauri fisikoak behintzat! –bota zuen barre eginez Ximenok, bere lagunen begirada konplizea bilatuz. – Ohorezko zauriak egon direla ulertu behar al dut, Ximeno? – Bai, ohorea edo... Zer deritzozu gure arkulari gazteek beraien mastan lau gezi iltzatzeari? Nola deituko zenioke horri? – Lau gezi masta berean? Alajaina, noizbait almadiari ofizioak kale egiten badizue, nirekin baduzue lan segurua, ziur egon gazteak! Eta barreari eman zioten bertako guztiek, bidaiaren tentsioak askatu nahian. Orain bigarren mailako hainbat gorabehera gelditzen ziren konpontzeke eta ibaiertzean zuritu behar zituzten, merezitako hamaiketako baten inguruan, Aragoi ibaiak almadien enborrek elkarren aurka jotzean sortzen zuten hots errepikakorra lagun. *** Romanek, Hetxoko nabatariak, beste bidaia lagun batekin Zangozarako bidea hartu zuen, Burgiko almadiarien berriak izateko asmoz, ondoren Ximenorekiko mendeku preziatuari ekiteko. “Ez zaizu musu-truk aterako traizio hau, ez horixe!”... murmurikatzen zuen. Ongi baino hobeto ezagutzen zituen Romanek Zangozako zur-merkatariak, eta jakin bazekien haien eskuetatik modu batean edo bestean, pasatu beharko zutela almadiari berriek. Hori gertatu ondoren, aterako zien ahal zuen informazioa tratulari haiei. Ez zituen gogoko Romanek, zeren asko aragoiarrak izan arren ez zuten inongo saiakerarik egiten Hetxotik etorritako zurei zergak arintzeko orduan, eta ia ziur, Burgiko almadiariei debalde aterako zitzaien merkantzia, aragoiarren kalterako. Konponbide latza zuen zergen auzi honek, zeren almadiari nafarrek igarotako Aragoiko ibilbidean ez zegoen ezta herri bat bera ere ibai ertzean, Sigues herri txikia kenduta. Salbaterra, Ezko eta Tiermas beste zeregin defentsibotarako eraiki zituzten ibaitik urrutiegi inongo zergarik eskatzeko. Betiko ostatuan sartu ziren bi nabatariak, almadiari berrien zain, mendekuaren lehen urratsak antolatzeko irrikaz. Oraindik ez zegoen berririk, itxaron behar, beraz. Non ote zebiltzan almadiari berriak? Agian gehiegi baloratzen ari zen Ximenoren ahalmena eta Aragoiren uretan, azukrea uretan bezala, urtuta, noraezean, almadia hautsita, ibiliko ziren hasiberri haiek. “Bai seguruenez ezin izango zioten eutsi “behar bezalako ibai bati” eta itota egongo ziren bazter batean, sabelak puztuta” –pentsamendu horiek buruan zituela, hustu zuen baso bat ardo Roman nabatariak. “Bi egun gehiago eta banoa hemendik. Umemoko horiek ez dira Zangozara iristeko gauza izango”. Hasiberriak ordea, hamaiketakoa bukatu eta elkarrizketa bizian zeuden soldaduekin, Roman zegoen herritik gertu. – Hitz egin al duzu Zangozako merkatariekin, Antso kapitaina? – Merkatarien kontuak ez dira nire ardura, baina auzi honetan laguntzeko nago hemen. Zure almadiek ez dute inongo zergarik ordaindu beharko, garraio hau Karlos III.a Prestua Erregerentzat baita. Ez dut uste inork horren inguruko eztabaida piztuko duenik, ezta? Hori al zen zure zalantza? – Bai, hori eta hemendik aurrera egin daitezkeen garraioena. Baina, gero gerokoak. – Ximeno, Ximeno, zu ere merkatari bihurtzen ari ote? Erregerekiko tratuek babesa dute, hortik kanpo bakoitzak bereari eutsi diezaiola. – Baina esan zenuen Erronkariko basoa kustiatzeko asmoa zuela ... – Tira, Ximeno, esan nizun Burgin eta berriro errepikatuko dizut: Hori Gortean erabakitzen da eta Erregerekin edo beste norbaitekin adostu beharko dituzu gorabehera horiek, ez nirekin. Ados? – Ongi da. Ez zintudan gogaitu nahi, Antso. – Ez nago gogaitua, baina ez ditut nire gain hartu nahi nireak ez diren ardurak, besterik ez. Begiko zaitut, benetan, eta errespetatzen ditut zure ofizioa eta ausardia. Hori esanez eskua luzatu zion Antsok, Burgin ezagututako gizon berezi hura gero eta gehiago miresten baitzuen. Gauzak argitu ondoren, Zangozako ontziralekurantz abiatu ziren, berriro ere atseden hartu eta Ezpeletako Joanes merkatariarekin garraio berri honen nondik norakoak garbitzeko. Kasu berezi horretan ez ziren tratuak eta zergak ordaindu eta Antsoren presentzia eta Ximenoren ezagutza kontutan hartuta, ibaian behera, Santakara herrirantz abiatzeko baimena eskuratu zuten, Joanesen harridurarako, berak ez baitzuen garraio berezi horren berririk inondik inora jaso. Behin eta berriro azaldu zioten zergatia eta Ximenok gaineratu egin zion ez zela azken bidaia izango, lehena baizik, eta aurrerantzean Erronkari eta Nafarroaren mesedetarako almadia honi tratu berezia eman beharko zitzaiola. Hori entzutean Antsok irribarre maltzurra egin zuen, Ximenoren konplizitatea bilatuz, Ezpeletako Joanes merkatariaren begiek beraienak behin eta berriro, harriduraz aztertzen zituzten bitartean. “Zer Nafarroa eta zer arragoa! Zer ote tratu berezia? Hau guztia aztertu beharra dago” –zioen bere golkorako Joanesek. Ontziralekuan zeuden bi almadiek, soldaduz eta almadiari gaztez zainduak, bazuten beste zelatari amorratu bat begira: Roman, nabatari hetxotarra. “Lortu du, azkenean lortu du alproja horrek taldea osatzea eta Zangozara iristea, eta seguru ez dela azken bidaia izango. Hau gure ibarraren hondamendia izan daiteke. Nafar alua! Ozenegi jotzen ari haiz ekila!”. Lortu zuen Romanek, sos batzuk utzi ondoren eta emagaldu baten zerbitzuen truke, ordura arte zegoen informazioa eskuratzea, baina jakin beharra zeukan noiz izango zen almadiarien hurrengo bidaia, zer edo zer egiteko. Berak ere, zura jaitsi beharra zeukan ohi bezala maiatzeko urekin Hetxotik, eta gainera beste koadrila bat prestatu beharko zuen Ximenorena ordezkatzeko. Lan gehiegi bere gusturako, baina bere morroia Zangozan utzita Aragoi ibaian gora itzuli beharko zuen etxera. Seguruenez, Ximenok itzultzerakoan, Ezpeletako Joanesekin edo beste norbaitekin garraio berri bat adostu beharko zuen. Eguna jakitea bakarrik falta zitzaion mendekua burutzeko. “Etorriko haiz, bai nire uretara, eta orduan itoko haut” Iluntzerako Santakara herrira iritsi behar ziren, gero handik izeiak ibaitik atera eta idiekin uztartutako gurdiz, Pitillaseko urmaeletik igarotzen zen bidean zehar Erriberriko Gortera eramateko. Seguruenez, gaua Santakara inguruetan igaro beharko zuten hurrengo egunsentian, behar adina gurdirekin Erriberrirantz joateko. Han Burgiko arotza zen Benitorekin hitz egingo zuen, eta ahal balitz eta halaxe nahi izango balu, Errege txit gorenarekin ere, besteen ezpainetatik hainbestetan entzundako egitasmo berria baieztatzeko. Bihurria izaten jarraitzen zuen Aragoi ibaiak Zangozatik behera, baina tarteka erdialdeko Nafarroaren lurren joritasunaz gozatzeko parada ere ematen zien, bere udaberriaren berdetasunaz, alegia. Dena den, zer ikusirik ez bere ibar malkartsu, basati, baina halere maitagarriarekin, Erronkarirekin. Nekazari harrituek, diosalei erantzuteko astirik gabe begiradarekin jarraitzen zieten, hurrengo bihurguneak bistatik ezabatzen zituen arte. Ume eta gazteak, zereginak utzi eta korrika abiatzen ziren jolas gustagarri eta ezezagun batean murgildurik baleude bezala. – Agur, agur... Nongoak zarete? Nongoak zarete? – Erronkarikoak, burgiarrak lagunak, almadiari nafarrak. Berriro ikusiko gaituzue hemendik pasatzen lagunok! Ongi izan! Hurrengora arte! – Bai, agur, hurrengora arte– eta lasterketa, nekeren poderioz, bertan behera uzten zuten. Ezustean harrapatutako zaldun batek trostan jazartzeari ekin zion, ibaiak airean zeraman almadiari jarraitu nahian, azkena izango ez zen ikuskizun hartaz gozatzeko parada profitatuz. Mendi muino batean, urruti, Uxue herri gotortua antzematen zen, oraingo Erregeren aitaren gorpuzkinak gordetzen zituena, Karlos II.a Gaiztoarenak, alegia. Haratago ibaian behera, Karkaztelu herria eta gertu, zizterreko Oliba monasterioa. Gertu zeuden Santakaratik, lehen bidaia arrakastatsuaren helburutik hagitz gertu, gertuago Ximenoren ustez Erronkariren berpiztetik, gertuago berak ez jakin arren Roman nabatariaren balizko mendekutik. Santakara agertu zen halako batean, nekea almadiari berrien esku zein oinetan, nabarmen ausiki egiten ari zenean. Gauza bat zen Burgin prestakuntzan emandako orduak, eta beste bat, errealitatea, ibaiaren indarra, borrokaren zirrara eta tentsioa, sentsazio berrien lilura eta nekea. Hala ere, garbi zeukaten bidaia hori errepikatu nahi zutela, lehenbailehen, behin eta berriz, ur berriak urratuz, bizitzaren ur berriak desafiatuz. Han zeuden berriro ere, Antso kapitain leiala eta soldaduak, hainbat mandazainekin batera, azalpenak jasotzeko prest. Orain gelditzen zitzaien azken lana zera zen: almadiak desegin, enborrak askatu, uretatik atera mandoekin eta hurrengo goizerako prest utzi, azken hauek gurdiz bere garraioa aurrera eraman zezaten, Erriberrira, Nafarroako Gortera. Ilundu egin zuen enbor guztiak uretatik atera orduko, eta Burgiko almadiariek nahiago izan zuten, ibai ondoan altxatutako oihal-denda xumeen azpian igarotzea gaua, Santakaran eskainitako lastategi batean baino. Sentsazioak ezberdinak izango ziren, ziur zeuden. Ibaiari zor zioten zegoeneko, halako begirune, esker on eta adiskidetasuna, ezkutuko itun bat, aurrerantzean kemenak eta trebeziak laguntzen zieten bitartean, indarrean mantentzen ahaleginduko zirena. Almadiari, soldadu eta mandazainek elkarrekin adiskidetasun giro apartan afaldu eta kantatu ondoren, bakoitzak bere txokoa bilatu zuen oihalezko dendan edota manta baten azpian eta auskalo noraino bidali zituen pentsamenduak, agian zeruan pausatutako hodeien artera. Gartxot eta Ximenorenak Burgin zeuden, etxe berean, bi emakumeengan: Kattalin eta Garazi. Zertan arituko ziren? Zer pentsatuko zuten bidaia honetaz? Besarkatzeko gogoa zuten bai batak bai besteak, haien begiak, ezpainak, azala ferekatzeko irrika... *** Baina bi emakumeen egoera, tamalez gaiztotzen hasia zen almadiariek alde egin zuten istant beretik, oraindik tantakako jazarpenaren aurpegia emateko ausardia ez zuen burgiar baten eskutik. Egunero zerbait arraroa, gero eta beldurgarriagoa zebilkien hegaka bere etxe inguruan, beleen antzera: aurrena untxi baten burua atetik zintzilik, gero txakurra akabatuta, segidan baratza hankaz gora, eta horrela egunak joan, egunak etorri. Ez zuten igartzen zer zela eta gertakizunen zorigaiztoko arrapalada hori, baina Kattalinek berehala harrapatu zuen zezena adarretatik. – Garazi, honek guztiak gure gizonekin, almadiariekin zerikusia din! – Zer dela-eta, ama? Mesedea besterik ez baitigu ekarriko eta... – Ikusten dun ezetz laztana! Ikusten dun. Esan nionan Ximenori: Hetxo ibarrekoek ez zioten besterik gabe amen egingo erabaki horri. Nire ustez, Ximenoren bizitza bereziki, arriskuan zagon, eta bere inguruko jendea estutzen hasiak ditun jada. Konturatzen al haiz? – Bai, beharbada arrazoia duzu, baina nor ibiliko da Burgin gure kontra, hau dela eta? – Ximenok kontatu zidanan, koadrila osatzerakoan, Nikolas abeltzaina bere seme bat sartzen saiatu zela eta uko egin ziola. Handiki horiek ez diten ezetzak onartzeko ohiturarik. Horra hor gure gaizkilea! Ziur nago. – Eta zer egingo dugu? Bakarrik gaude. – Ez, ez gauden bakarrik! Almadiariak, euren familiak, beraiengana jo behar dinagu gure egoera azaltzeko eta zerbait gehiago jakiteko honetaz guztiaz, gure gizonak etortzen diren bitartean. Eta bitartean erne egon behar gaitun laztana, oso erne, otsoa gu beldurtu nahian baitabil! Beste almadiarien familiekin egon ziren, baina otsoak badaki ehizakia bakarka jazarriz gero, errazago eskuratzen dela, eta mementoz bakarra zuten, hots: Kattalinen etxea eta Ximeno. Hala ere, gehienak laguntzeko prest agertu ziren, jakin baitzekiten Ximenok beraiekiko izandako jarrerak itzuliko bidea ere eskatzen zuela, giza legez. Otsoa, ordea, zelatan zegoen Burgin eta bilera ondorengo gau horretan bertan, almadiarien artean konplize bat izango balu bezala, bere atzaparrekin kosk egin zuen Kattalinen atean, gau beltzean. – Nor da? –esan zuen etxe barnetik Kattalinek. – Zuen mesederako begiak ireki nahian dabilen lagun bat. Atea ireki zuen urduri Kattalinek, kandela eskuan. Ireki bezain laster ezezagunak atea bultzatu eta kandela itzali zion, Burgiko arroilatik maiz zetorkien haize bafada balitz legez. Kattalinek atzera egin zuen beldurtuta. – Zer nahi duzu? Nor zara? – Esan dizut. Lagun bat. Ezagun batek bidalitako laguna. – Lagunak ez dira gauez etortzen aurpegia ezkutatuz. Zu izan zara gure etxeko abereak hil dituena? – Beharbada, baina horrek ez du axola! Zure etxearen eta zuen bizitzaren biziraupena Ximenoren eskuetan dago. Ez du almadietan jarraitu behar, ez behintzat ibar honetan. Joan dadila Hetxora beti egin duen bezala. Ez ditzala bazterrak nahasi, bestela ez duzue bakerik izango, edo agian bai, baina betirako bakea. Kar, kar, kar. – Zoaz etorri zaren bidetik koldar halakoa, eta esaiozu zure abeltzain horri ez zaretela nor gure bizimoduan sartzeko, eta Ximenok eta bere koadrilak Erregeren babesa dutela. Ez duzue zer eginik! Zoaz eta utz gaitzazu bakean! Arrotzak lasai ederrean, zirkinik egin gabe, jarraitu zuen mezu pozoitsua botatzen. – Badakizu, maitea, ibaiarenurak arriskutsuak dira eta istripuak, entzun dudanez, maiz gertatzen ohi dira, eta orduan –esan zuen kapusaiaz bere aurpegia estaltzen zuen ezezagunak–. Erregek ezin izango dio lagundu. A, eta beste kontutxo bat: ez nahastu bazterrak almadiarien familiekin, zeren agian ezusteko gehiago jaso ditzakezue. Edo zergatik uste duzue nagoela hemen? Arratsaldeko bilera horren berri izan dugu eta agian zuk uste baino etsai gehiago darama Ximeno eta Gartxoten almadiak. Kar, kar, kar... – Zoaz, malapartatu hori –arrapostu egin zion Kattalinek aizkora altxatuz. Zoaz hemendik morroi madarikatua! – Berriro elkar ikusiko dugu, ziur nago. Ez duzu uste Garazi, polit hori? Kar, kar, kar... Atea bere horretan utzita, karrika ilunean galdu zen morroi ezezagunaren irudia. Kattalin tranga bota eta paretaren kontra jarri zen arnasestuka aizkora eskuetatik erortzen zitzaiolarik. Ama-alabek elkar besarkatu zuten, baina Kattalin gaueko morroiak uste baino kementsuagoa zen. Alargun izateak ederki erakutsi zion bizitzaren krudeltasuna eta ez zen izango hura gainditu beharreko ez lehen eta ez azken harkaitza bere ibilbidean, bere ibai partikularrean. Etsipenari aspaldi ez zion lekurik egiten bere bizitzan. *** Egunsentiarekin batera Santakarako inguruetan itzarri berriak ziren gizonek lanari ekin zioten. Mandazainen orena iritsia zen: mandoak, idiak eta gurdiak prestatu, enborrak zamatu eta Erriberrirako bideari ekin. Horra hor erronka berria! Ximenok aginduak banatu zituen bere almadiarien artean. Antso kapitainaren laguntzaz Erriberrira joateko asmoa zuen eta bitartean besteak Burgira itzuli eta hurrengo almadia, almadia bakarra, bost zatikoa prestatu. Ziur zegoen Benito arotzaren laguntzaz garraio berri bat, edo gehiago, adosteko moduan izango zela. Hala behar zuen behintzat Erregeren balizko asmoari kasu eginez. Mesede berezi bat eskatu zion Antsori: soldaduen zaldiak almadiariei uzteko, bera Burgira iristerako almadia berria osatua egon zedin, eta ahopeka erregu hau: – Eta azken mesede bezala, zaldirik hoberena Gartxotentzat izan dadila. Antsok une batez zeharka begiratu zion, zergatiak bilatu nahian baina onartu egin zuen eskaera. – Ezkaren maiatzeko urak, maiatzean bakarrik etortzen ohi dira, ez da hala Ximeno? –esanez agindua eman zien bere soldaduei. – Ezker aunitz, Antso, zorretan nago zurekin, benetan! – Tira, orain guk biok Erriberrira joan behar dugu lehenbailehen zure kontuak Benito arotzarekin argi ditzazun. – Bai, baina Gartxotekin hitz egin behar dut aurrena. Berehalaxe nauzu zurekin. Almadiari gazteak berbetan zeuden tokirantz hurbildu zen eta bizkarretik eskua pasa ondoren, besteengandik aldendu zuen Gartxot. – Begira, Gartxot. Hainbat gauza esan nahi dizkiat eta ez zekiat nondik hasi. Alde batetik, gero eta garbiago zaukaat, esan nian bezala, hi izango haizela nire ondorengoa, nik ofizio hau uzten dudanean, eta hik nahi ala ez, nagusia haizela erakutsi behar duk aurrerantzean beste kideen aurrean, derrigorrez. – Ulertzen dizut, Ximeno. Saiatuko naiz. – Hala beharko taldearen mesederako. Eta beste kontu korapilatsuago bat: esango diadan hau ez duk ibaiaren aparra bezain nabarmena, uste bat, bidaian tarteka burura, eta ametsetan amesgaiztoz jantzita agertu zaidan ustea besterik ez duk, baina uste horretan arrisku berria antzematen diat garbiki. – Zer da, Ximeno? Bota ezazu! – Nire kontra eta nire hurbileko jendearen kontra, mendekua zabaltzen ari duk eta horregatik iritsi behar haiz beste bostak baino lehen Burgira, eta inoren aurrean aurpegia erakutsi aurretik hik jakingo duk nola, jabetu behar haiz gure bidaiak iraun artean izandako gertakizun eta esamesez eta garrantzitsuena –eten bat egin zuen, –babestu gure emakumeak. Aditu al duk? Babestu gure emakumeak!– esan zion bortizki besotik heltzen zion bitartean. – Bai, Ximeno! Hala egingo dut –erantzun zion harrituta bere eskua eskaintzen zion bitartean–. Lasai egon. Eta zu noiz etorriko zara? – Lehenbailehen. Erriberrin Benitorekin egon eta ziztu bizian noakizue Burgira. Egun bat beranduago gehienez. Elkar besarkatu ondoren Ximenok ez zuen aldendu begirada urrutiratzen ari zen zaldun bilakatutako almadiari taldetik, harik eta Gartxotek zaldia ezproiez joaz, besteengandik ziztu bizian aldendu zen arte. – Eman ditugu eman beharreko agindu guztiak, almadiari kapitaina? –esan zion Antsok, zaldi baten brida eskainiz. – Bai eman ditugu, Antso, eman ditugu. Patuak egin dezala bere bidea. – Hala bedi! Goazen Erriberrirantz, lagun! Lagun hitza doinu berezi batez ahoskatu zuen Antsok eta trostan, hiru gurdiak aurreratu eta laukoan, hautsak harrotuz, mandazainen begi bistatik urrundu ziren. *** Halako batean ikusi zuten laborez, mahatsez eta olibondoz beteriko bailara emankorrean bere talaia eta harresiak ausarki erakutsiz, sekulan Ximenok ikusitako gaztelu, palazio edo delako dotoreena eta une horretan bertan laukoari utzi eta pausoari ekin zioten, lasaitasunez gozatu ahal izateko ikuskizun hartaz. Karlos III.ak bere gaztaroan Frantzian ikusitako gorte europarren antzeko estiloaz eraiki eta hornitu nahi zuen gaztelu zaharra eta zergen zati eder bat horretara bideratu zuen. Palazioak, beraz, defentsarako baino erresidentziarako izaera zuen eta bere egituraren nolabaiteko anabasak edertasun itxura handiagoa ematen zion. Dorreek erakartzen zuten Ximenoren arreta eta harridura. – Zerikusirik ez Burgiko gazteluarekin, ezta, Ximeno? – Ez, inondik inora! Gurea harri koxkorra da harkaitz honen aurrean. Alajaina! Hau gaztelu puska! – Ba, zuk eta zure gizonek ekarritako izei eta pagoek oraindik ederrago eta handiago egingo dute harkaitz hau. – Pozten naiz, eta aurrerantzean, handitzen jarrai dadila, gure basoekin bada behintzat. Kar, kar, kar. Biek barre egin zuten ate nagusiko soldaduek kapitaina agurtu eta barruranzko bidea ematen zieten une berean. Kanpotik harrigarria bazen, barnetik ez zeukan hitzik adierazteko edertasun hura. Ahoa zabalik zeraman hor nonbait, barneko harresietatik bi emakumek barrez zera bota ziotenean kapitainari. – Antso galanta. Zer dakarzu segika? Bideetan harrapatutako ebasle harritua? – Ez emakume lerdenak, zuen gelak apaintzeko zura garraiatzen duen erronkari ausarta. Eta hala moduzko diosala eginez, ahoa bete hortz utzi zituen bi txolinak. – Eskerrik asko, Antso. – Ez dago zergatik. Halako asko aurkituko dituzu gorte honetan, diru asko eta zeregin gutxikoak, eta ez baduzu bere sareetan eta esamesatan erori nahi, ahalik eta denbora gutxien eman ezazu hemen. – Azkar bidali nahi nauzu mendira. Ez al naiz ba dagoeneko, nafar Erregeren mendeko garrantzitsu bat? – Zuk zeuk ikusiko duzu noraino iristen den garrantzi hori, eta beste gauza bat: zuk uste baino gehiago miresten ditut mendi horiek Ximeno. Hemen zurikeria da nagusi. – Tira, ba, hala bada, badakizu Burgin, gutxienez lagun bat baduzula, nahi duzunerako. Gortekoek kuriositatez begiratzen zioten Antso gerlari dotorearen ondoan zetorren zarpail hari. Ahuntz larruz estalitako soineko bat zeraman adierazgarri nagusitzat eta zeharka, bizkarrean, aizkora bat. Hura pertsonaia bitxia Erriberriko Gortean! Iritsi ziren zalditegira eta Antsok morroi bat bidali zuen Benito arotzaren bila, bidaiaren berri eman eta gela apropos batean bilera egin zezaten. Azkar agertu zen Benito gelan. “Seinale ona” pentsatu zuen Ximenok. Lagun zaharrak ziren biak eta baita beren gurasoak ere, eta elkarrenganako begirunea eta adiskidantza zor zioten aspalditik, nahiz eta bakoitzaren ofizioak eta bideak aldendu. Alaitasunez agurtu zuen Benitok bere lagun zaharra: – Tira, Ximeno. Ibaiaren hezetasunak ez dizu larrua leundu! – Badakizu erronkariarrok harrien artean sortu eta handitzen omen, eta larrua gogortzen zaigu egunetik egunera. Zurea hala ere, zuriagoa ikusten dut. Lau pareten arteko itzalaren ordaina? Ironiak eta ziriek aurrera egin zuten lagunarte giroan eta hitzen jokoetan, deman, halako batean, txantxak seriotasunari, tartea utzi zion. Bilera luzea izan zen bien artekoa eta Benitok adierazi bezala, Erregek ezin zuen hitz aspertu bat egin berarekin, tamalez, –Gortearen zereginak, badakizu– esan zion. Ximenok bere zalantzak bota zituen: egia ote Erregek Erronkari ibarrari eskaini nahi zion negozio aukera berria? Ba ote zeukan Benitok berak, garraio berriak egiteko eskaerarik? Nola adostuko zuten gortetik, Aragoiko lurrak zeharkatzerakoan almadiarien segurtasuna? Guztiari baietz erantzun zion Erregeren arotzak: Erronkari bereziki zaindu nahi zuela, eskaera berriak bazeuzkala, Olibako monasterioarena kasu, eta punturik gatazkatsuena azkena zela, hots: nola babestu almadiarien garraioa eta bizitza Salbaterratik Esaraino. Gai honen inguruan, lehen bizpahiru bidaiaetan hala edo nola konpondu beharko zirela, harreman diplomatikoak gauzatzen ziren artean eta oso garrantzitsua zela bitartean hildakorik ez izatea, guztiz garrantzitsua. – Jakingo duzu Benito, Hetxotik ekartzen genituen almadiek Zangozan ordaintzen zutela bide-zorra eta hori dela bidea. Bide komertziala, arazo politikoetan ez sartzeko. Gure ibilbidean herri bat besterik ez dago ibaiaren ondoan: Sigues. Haiei ohiko zorra ordainduz gero, Salbaterrako soldaduek bakean utzi beharko gintuzten. Ez dirudi oso zaila eta inork ez du hildakorik nahi. – Bai, Ximeno, badakit zein diren almadiaren negozioaren arauak, gauza da orain arte haiek bakarrik zirela nagusi eta errespetatzen genituela bide komertzial horiek baina orain gu hasiko gara lehian eta ez dakigu zein izango den haien jarrera. Dena den, bidaia honetan ikusitakoak ikusita, atzera egin nahi baduzue akordioak lortu bitartean, ulertuko dugu... –bota zuen zirikatzaile, arotzak. Ximenok espero zuen hasieratik erantzun hori, baina bizitza arriskuan jarri ondoren ezin zion itxaron gorteen arteko harreman geldo horiei negozioan aurrera egiteko, jakin baitzekien Romanek bere koadrilarekin bidaiak prestatuko zituela urtero bezala eta bezeroak kenduko zizkiola. Antsok isilik entzuten zuen elkarrizketa edalontziak ardoz hornituz noizean behin. – Heia! Akordiorik on eta zintzoenak ardoak mingaina eta gogoa askatzen dituenean lortzen dira, lagunok. Topa egin dezagun! – Hala bedi! Ximeno, sentitzen dut baina ezin dizugu oraindik segurtasun gehiago eman afera honetan. – Lasai, konponduko gara eta saiatuko gara oztopoak ekiditen, ibaian egiten dugun bezala. – Horretan onena zara, eta ziur nago hartuko dituzun erabakiak onenak izango direla denontzat. Tira ba! Esan bezala, Zangozako Joanes merkatariak badu Olibako monasterioaren eskaera bat. Erakutsi egiozu agiri hau eta zuretzat izango da. Dena ondo badoa izango ditugu eskaera gehiago, ziur egon. – Mila esker egiten ari zarenagatik Erronkariko ibarra eta burgiarrengatik bereziki. Mila esker Benito! – Eskerrak zuri almadiari! Topa eta zorte on! – Nafarroarengatik! Erronkarirengatik! Ezkare gatik! Topa! Nafar seme leialak ziren hirurak, erresuma boteretsuez inguratutako Nafarroaren aldekoak, gero eta gehiago oldartzen ari ziren Beaumont Gaztelazalearen aurkakoak, agramondarrak bihotz-bihotzez. Antso lagunaren besarkada jaso ondoren, Ximeno zaldiz Zangozarantz abiatu zen, arratsean. BIGARREN BIDAIA. MENDEKU BILA Hari gehiegi, enbor gehiegi solte bere buruan eta ongi lotu beharra zeuzkan ez bazuen kale egin nahi, ibaian behera, gaizki lotutako almadiari gertatzen zaion bezala. Iritsi zen iluntzean Ezpeletako Joanes merkatariaren etxera eta azaldu zizkion bere nahiak: – Olibako eskaera hori Romanentzat izan behar zen –erantzun zion harriduraz berriro ere mer katariak. – Ongi esan duzu, Joanes: izan behar zen, baina jadanik ez da eta aurrerantzean hainbat eskaeratan, nafar lurraldetakoetan behinik behin, nire koadrilak lehentasuna izango du. Halaxe dio agiri honek. Merkatariak aztertu zuen tentuz, hain ezaguna zuen erret-zigilu hura eta hautsi ondoren irakurri egin zuen bertan zioena. Egia zen Ximenok esandakoa: aurrerantzean bere koadrilak izango zuen lehentasuna Nafarroan egingo ziren eskarietan eta zerga arinagoak ezarriko zizkieten Erronkariko almadiariei, Hetxokoei baino. – Erret-agindua da eta horrela bete egingo dut, gustuz gainera, Ximeno. Baina badakizu ur-lasterretan sartzen ari zarela, eta almadiari ona izan arren, itotzeko arriskua duzu gainean. Badakizu zer esango duen Romanek, honen berri jasotzen duenean? Nik derrigor jakinaren gainean jarri behar dut, eta jakin ezazu morroi bat daukala hemen, Zangozan, zure ibileren berri izateko. – Badakit, Joanes, baina urak horrela datoz eta horrela hartu beharko ditugu, bai zuk eta bai nik. Eskerrik asko informazioagatik. Ximenok alde egin zuen Joanesen etxetik baina ez oso urrutira, jakin bazekien aurki Romanen morroia agertuko zela informazio bila, putreak haratustelean bezala. Ez zuen gehiegi iraun itxaroteak. Sartu eta handik apur batera atera zen presaka kale ilunen artean mezularia, ezustean gizaseme batek bidea oztopatu zion arte. – Nor zara? Zer nahi duzu? Ken zaitez nire bidetik ez baduzu laban hau sabelean izan nahi. – Tira, lasai zaitez. Ez nauzu ezagutzen? –esan zuen Ximenok kapusaia kenduz. – Ez, ez zaitut ezagutzen, Ximeno, txakur nafar malapartatu hori –eta jauzi egin zuen bere zintzurraren bila. Ximeno ez zen garaia baina bai sendoa eta indartsua, eta nonbaiten edukitzekotan indarra, eskuetan zuen. Aragoiarraren labanari esku batez eutsi eta bestearekin zintzurretik heldu zion, gogor. – Tira, Rodrigo, horrela deitzen zara, ezta? Hemen eta orain bukatu nahi al duzu, zure nagusiari berri freskoak eman aurretik? –eta paretan kontra altxatu egin zuen, labana eskutik erortzearekin batera. Entzun arretaz esan behar dizudana, hitzez hitz Romani esan ahal izateko: Negozio petral honetan koadrila bat desagertu zen zoritxarrez joan zen neguan, eta beste bat sortu da udaberrian. Sinplea da mezua, ezta? Eskubidea dugu Hetxotik kanpo bizi eta lan egiteko, ez duzu uste? Eta beste gauza bat gehiago: Romanek badaki, nik eta zuk dakigun bezala, negozio honetan lana badagoela ez koadrila birentzat, baita hiru edo laurentzat ere, beraz konpon gaitezen Aragoi eta Ezka ibaia konpontzen diren bezala: orain aparte, orain batera, inor kaltetu gabe. Garbi mintzatu al naiz? –esan zuen oraindik hankak airean zuen aragoiarraren aurpegi zurbila begiratuz. – Bai, garbi dago, garbi dago! –erantzun zion erreguka, oinak lurrean jarri nahi zituen oilar otzanduak. – Onean konponduko gara, txarrean aurrean izango gaituzue. Zuek ikusi! Baten mendeku goseak bestearen kemena zuen zain. Aragoi ibaiak jango ote zuen Ezka oldartsu eta azkarra? *** Ezka ibaia zeharkatzen zuen zubi dotorea igaroz, Salbaterratik zetorren ohiko bidazti bat sartu zen Burgin, iluntzen ari zenean. Kapusaia jantzita zeraman. Tabernan sartu eta deus esan gabe txoko batean eseri zen. Tabernaria hurreratu zitzaion: – Zer nahi duzu? Afaria, edaria, ostatua edo dena batera? – Edatearekin aski izango dut. Ekarri txarro bat ardo eta edalontzi bat. Eta dirua utzi zuen mahai gainean azkarki. Bi gizaseme besterik ez zeuden tabernan eta begirada azkarra bota ondoren, berriketa gutxiko ezezaguna zela konturatu ziren. Bi edalontzi hustu zituen kapusaia eranzten ez zuen arrotzak eta pipa erretzeari ekin zion eztulka. Orduan sartu zen Txurrut goitizenez ezaguna zen Nikolas abeltzainaren morroia, ardo usainera. – Gabon denoi... Beno, dena den lau katu besterik ez gara taberna zikin honetan eta bi hauekin dagoeneko badakit ez dagoela hitz egiterik. Zozo galantak! Tira, tira! Hara nor dugun hemen! Eseri naiteke zure ondoan lagun? Baduzu kontu berririk herri aspergarri honetarako? – Baliteke. Zuk ere niretzat zerbait antzekoa baduzu –bota zuen aurpegia gehiago ezkutatuz. – Ez duzu gaixotasun arraroren bat izango, ezta? Beno ez baduzu aurpegia erakutsi nahi zure arrazoiak izango dituzu. Arrotzak ardoa edatera gonbidatu zuen Txurrut mozkortia, mingaina arintzeko. – Entzun izan dut erronkariarrak ofizio berri bat ikasten ari zaretela: almadiariarena, alegia eta hori Hetxoko lagun batzuei ez zaie batere gustatu. – Kontxo!– esan zuen Txurrutek harrituta, ahotsa jaitsi nahi baina ezinean–. Ximenoren bila etorri al zara? Ni ere horrela nabil. Kar, kar, kar. Ximeno eta bere maitalearen atzetik. Kar, kar, kar. Baina Garazi nahiago dut Kattalin zaharra baino. Bi emakumeei egindako guztiak egin ondoren, erabateko zigorgabetasunean mugitzen ari denaren erosotasunean, are gehiago harrotzen hasi zen morroia, tabernara sartu berrien aurrean, jakin baitzekien Nikolas ahaltsua zela herri hartan eta Lopek, gazteluko alkaideak, ez zuela gehiegi sartuko muturra aferan. – Ikusten dituzu nekazari alproja hauek guztiak. Ba, agramondarrak dira. Ez dakite bereizten non dagoen geroa, non negozioa, non boterea. Nafarroa akituaren alde jokatzen ari dira, giza-gaixoak. – Utzi itzazu bakean, ez dute hitz erdi bat bera ere merezi. Beste txarro bat tabernari! Aizu eta emakume horiek zein dira? Merezi al dute bisita bat egitea? –esan zuen ahopeka arrotzak, bere hortz zurien distira erakutsiz. – Bai, bai, merezi dute. Eta gaur gauean egiteko asmoa nuen, baina agian zuk gogoa baduzu, biok batera hobeto pasatuko dugu, baina gauza bat: gaztea niretzat, aditu? Kar, kar, kar. – Eta ez dira oldartuko? Bakarrik bizi al dira? – Erabat beldurtuta daude. Egunak daramatzat haiek izorratzen. – Tira, kontatu xehetasunak. Eta ardoak askatutako mingaina dantzan hasi zen etengabe, arrotzaren urduritasuna goraka zihoan neurrian. Atera ziren biak tabernatik karrikan behera, eta bigarren bihurgunean, laban baten metal hotza sumatu zuen Txurrutek zintzurrean. – Mingainak eta ardoak galdu zaitu beti bezala, Txurrut, eta mingainik gabe geldituko zara, salatari nazkante hori eta entzun ezazu gauza bat: ez Ximeno, ez Kattalin, ez Garazi, ez Burgi ezta Nafarroa ere ez daude akituta, gaizki jokatzen ari zarete partida hau! Txurrut saiatu zen oldartzen baina konortea galdu zuen arrotzaren kolpea zela medio. Segidan, mingaina moztu eta Kapusai azpitik ateratako gezi baten puntan sartu zuen. Kapusaidunak Nikolasen etxerantz jo zuen eta, balezta erabiliz, mingaindun gezia atean iltzatu egin zuen. Beste suzko gezi bi lastategira jaurti ondoren mendirantz abiatu zen, Nikolasen zezenik hoberena zegoen larretarantz hain zuzen, Nabaskoitzeko bidetik gertu. “Begia begi truk, Nikolas. Ez diek nire lagunei eta herri honi kalterik berriz egingo. Hau abisu bat duk, atorrante halakoa!” Langa igaro eta zezenaren bila joan zen arrotza. Honek arrisku ezezagun bat usaindu zuen airean eta konturatu orduko, arrotzarenganako bidean zerraldo erori zen, kopeta geziz zulatuta. Burgiko gizalegea modu bortitz batez berrantolatzen hasia zen eta boteretsuenak, berak lehen ahulenekin egin bezala, gertatutakoak interpretatzen jakin beharko zituen halabeharrez. – Begia begi truk, Nikolas –errepikatu zuen ezezagunak, mendiko bidea berrartzen zuelarik, erabateko iluntasunean galdu zen arte. *** Ximeno Leireko mendatea igotzen ari zen bitartean zaldia uhaletik helduta, almadiari guztiak, Gartxot izan ezik, Nabaskoitzeko bidean ziren eta Gartxot bera sartu berria zen Burgin. Herrian dena zen buila eta zalaparta. Zirudienez gau horretan ezezagun batek txikizio galanta burutu zuen ezustean: Txurrut mozkortiaren mingain puska bat Nikolasen etxeko atean iltzatuta agertu zen eta bere lastategia su-zirimola batean irentsita erori zen. Baina Nikolasen tripak gehien izorratu zituena zera izan zen: bere zezenik ederrena geziz zulatua larre erdian aurkitzea, hilik. Kostatu zitzaion mezua ulertzea. Bere morroia mutu, bere haziendak kaltetuta... txanpon bera jasotzen ari zen. Baina zein izan zen gaueko bisitari misteriotsu hura? Han ibili zen tabernariarekin eta tabernatik pasatutako beste batzuekin lepotik helduta kale kantoietan informazioa atera nahian, baina inork ez zuen ezagutu ez haren planta, ez ahotsa, ez ibilera, ez ezer. Nor arraio ari zen mendeku hartzen? Alkaidearengana ere jo zuen segurtasun eske, baina ez zion jaramonik egin, duela gutxi Kattalin eta Garaziri egin ez zien bezala. Bi uren artean egon nahi zuen Lope alkaideak baina egoerak, egunetik egunera, nolabaiteko lerrokatzea eskatzen zion, kontrolak eskuetatik ihes egin aitzin. Eskupeko gehiegi jasotzen zituen Nikolasengandik baina ia herri osoa zegoen abeltzain beaumontarraren aurka eta tentuz ibili beharra zeukan, bere jarrera agerian geldi ez zedin. Nikolas, taberna aurrean batekin hizketa ozena burutzen ari zenean, Gartxot etorri berria hurbildu eta zera bota zion zaldi gainetik: – Zer, Nikolas? Arazoak al ditugu? Herri guztia hankaz gora jartzen ari zara. Zer duzu? Lagun zaitzaket? – Ez, ez zuk ezta zuen almadiariek ezin nauzue lagundu, ziur nago. Baina gertatutako honi Ximenoren kiratsa dario, eta harrapatuko dut morroi hori, eta harrapatu ondoren aterako diot zeinen aginduetan dabilen, kosta ahala kosta! Nikolasen begiak puztuta zeuden amorrazioaren eraginez eta aparra zerion ahotik, mendeku gosea. Kontrolaezinezko amorruak jota zegoen. – Entzun dudanez Nikolas, abisu bat utzi dizu arrotz horrek. Zer dela eta joko zuen zuregana? Zuk ere norbaiti antzeko zerbait egin al diozu herri honetan? Azkenean dena ateratzen da argitara, ezta? Uste dut emakume bakartiak beldurtzen ibilia zarela eta hori horrela bada nire bisita ere izango duzu, ziur egon. Eta bere senetik aterata zegoen abeltzainaren kontra jo zuen zaldiarekin, Nikolasek oreka galtzeraino ia. – Barka, Nikolas, zaldia nekatuta dago, bidaia luzea izan baitu –bota zion maltzurki Gartxotek eta kalean behera Kattalin eta Garaziren etxerantz jo zuen poliki-poliki. Sartu zen haien etxean eta Garazi besoetara bota zitzaion negarrez, gertatutako guztiak askatu nahian, bere besarkadaren bila. Oraindik bi emakumeek ez zekiten gau horretan jazotakoa, eta ez zuten jakingo egilea Gartxot bera izan zela, zegoeneko almadiarien nagusi lanak eta erabakiak hartzen ari zen Gartxot gazte kementsua. Mementoz ez zuten Nikolasengandik eraso berririk izango eta deskuiduan emandako pistak nahikoak izan ez balira, gehiago eskaintzeko prest zegoen. Emakumeak lasaitu eta lehen bidaiaren gorabeherak eta irabazien berri eman ondoren, tabernara jo zuen, hara etorriko baitziren aurki beste almadiariak. Makina bat jende zegoen bertan bere etorreraren zain, bart gertatutakoak komentatzen eta isilpean izanik ere ospatzen, Nikolas ez baitzen gustukoa Burgin. Almadiarien lehen bidaia hura ia mitikoa bilakatzeko bidea hartzen ari zen, ahoa bete hortz gelditu baitziren hainbat burgiar, Gartxoten ahotik entzundakoak entzun ondoren. Oraindik beste gazteak eta Ximeno iristear zeuden, taberna ia festa giroa hartzen ari zenean, Nikolasen amorraziorako. – Lagunok, erdi-bide anutzi behar dut nire kontakizuna baina gaua iritsi orduko hemen izango dituzue beste almadiariak, bidaia biribiltzeko prest. Tira, garraio gehiago egingo ditugulakoan gaude eta hori dela eta, aizkolarien bila joan beharra daukat. Ibaiaren maiatzeko urak profitatu behar ditugu. Gora Ezka! – Gora Ezka! –erantzun zuten tabernan ia jai giroan, urduri, berri gehiagoren zain zeudenek. Gartxot aizkolarien bila joan zen eta haiekin bat egin ondoren zubirantz jo zuten, Ximenok atera aurretik agindutako lanak ikusteko. Lan galanta burutua zuten jadanik eta Ezka ondoan jarritako binakako enborren gainean zeuzkaten prestatuta bost almadia zati, bere mutur finenak zorroztuta, adarrak kendu eta xaflak landuta eta izei arinez egindako arraun luzeak prest. Errepasatu zituen Gartxotek, beharrezkoak ziren beste elementuak ere, hala nola urkilak, enborrak elkarren artean lotzeko erabiltzen ziren urki adarrak, uretan beratzen jarritako hurritzak eta enborrak zulatzeko behar zituzten ginbaletak. – Goazen tabernara, egin duzuen lan aparta ospatzera. Han itxarongo diegu besteei eta kontatuko dizkizuet bidaiaren gorabeherak. Justu zubia igarotzen ari zirenean, ikusi zuten Nabaskoitzeko bidetik zetorren zaldun koadrila bat, hautsak harrotuz eta berriro ere, Burgi herri baketsuaren bazterrak dantzan jarri ziren, aspaldiko partez ezagutzen ez zuten alaitasun, ikusminez eta urduritasunez mukuru. Haiek ziren bai, beste almadiariak, eta etorrera horrek ospakizun itxura hartu zuen, herriko semeak onik etortzeagatik alde batetik eta bestetik gero eta garbiago zegoelako almadiariek Burgi biziberritu behar zutela, bertako familia behartsuen bizimodua hobetuz aurrena eta horrekin batera herriarena ere. Kattalinek lepoa luzatzen zuen Ximeno ikusi nahian, nahiz eta jakin azkena izan behar zuela. “Non zaude, laztana? Non zaude? Etorri azkar, zain nauzu”– errepikatzen zuen ezpainetan koska eginez eta Garazi besarkatuz. Bazegoen beste burgiar bat gero eta zokoratuagoa bere amorruan, eta bere herrian baita ere. Inor ez zen gogoratzen Nikolasi gertatutakoaz, azken batean bera bat zen eta aberatsa eta besteak asko eta behartsuak. “Etorriko dira bueltak! Etorriko dira, eta egun batean Gazteluko alkaidea naizenean ederki ordaindu beharko dizkidazue egindakoak, eskergabe halakoak!” Baina herritarrek ezer gutxi zioten eskertzeko bere ongizatea besterik bilatzen ez zuen berekoi hari eta jadanik bat-bateko festa prestatzen hasiak ziren enparantzan Ximeno iristen zenerako, ezustean, gogoak hala eskatuta. Alkaideak ez zekien zer egin: festa giroan sartu eta nolabaiteko harrera ofiziala egin Ximenori edota gazteluan barrena isilik gelditu gertakizunak talaiatik behatuz. Herritarrei bere erabakia, mementoz, bost axola. Eta iritsi egin zen. Adar baten soinu indartsuak ibarra bete zuen. Behin eta berriro jo zuen, begirada guztiak Nabaskoitzeko biderantz zuzendu zirelarik eguzkia ia desagertzear zegoenean. Herri guztia, lanak bertan behera utzi, lanabesak gorde eta enparantzarantz abiatu zen arrapaladan. – Ximeno, Ximeno dator! – Ximeno, Ximeno! –oihukatzen zuten umeek, txakur erdi aztoratuak zalapartan murgilduta, zaunka atzetik zituztelarik. Ximeno zurtuta sartu zen enparantzan herritar guztien txalo, oihu eta diosalen erdian. Irribarretsu zegoen baina ez zekien zer esan, nor agurtu. Ulertu zuen azkenean bat-bateko giro zoro haren zergatia eta Burgiko almadiarien leloa bota zuen lau haizetara: –Ezka geurea! Ezka geurea! Hura hordialdia, hura festa eta poza biziberritutako herri hartan, bere seme-alabak galtzen ari zen herri behartsu eta kementsu hartan, almadiariak berpizten ari ziren herri alai hartan! Musikari eta dantzariek enparantza erdian Ximenoren aurrean dantza egiteari ekin zioten, ez Errege ezta alkaideari berari ere egiten ez zitzaien omenaldia eskainiz. Herria eskaintza honen aurrean isildu egin zen eta Ximenori bihotza korapilatu, zimurtu egin zitzaion mahaspasa bezala, Kattalinen begirada bilatzen zuelarik herritarren artean. Dantza bukatzean, labur hitz egin zuen: – Mila esker, lagunok, emandako harreragatik, baina almadiari guztiak, ez nik bakarrik, merezi dugu, merezitzekotan, omenaldi hau eta baita burgiar guztiek ere, halako seme-alaba ausarta eta langileak izateagatik. Bai horixe! Lan eskaintza berriekin nator eta beraz, ospa ditzagun berri hauek jai giroan eta bi egun barru bigarren almadia jaitsiko da Ezkan behera, berriro ere. Denok festara! Halako berri baten beharrean eta jai giroaren irrikan zeuden herritarrek, dantzari eta festari ekin zioten gogoak iraun zuen arte. Alkaidea ez zegoen han, ez zen ausartu, halaxe erabaki zuen. Maiatzeko bat-bateko festa hura azkarki igaro zen, egunsentiari lekua eginez, berriro ere almadia berriaren eraikitze grinak koadrila xaxatzen zuelarik bere zereginetan. Zazpi oholtzak burutuak zituzten eguerdirako eta arratsaldean elkar lotzeari ekingo zioten. Koadrila, ezinbestean, handitzen zihoan zura gero eta urrutiagotik jaitsi behar baitzuten eta horretarako aizkolariez gain mandazain trebeak ere behar izango zituzten aurrerantzean. Ezka ibaia eta bere inguruko basoak, ehiza-gune eta apaingarri izatetik diru iturri aparta izatera pasatzen ari ziren, denen mesederako, edo ia denentzako. Eguerdian Ximenok koadrila osoa batu eta hitz egin zuen: – Harrituta nago zuen lanaz, balentriaz, eta beste gauza askoz, baina bereziki gauza batez: inork ez dit oraindik eskatu bere lanaren ordainketa, inork ez du hitzerdirik esan hain garrantzitsuak diren sosez. Ezer eskatu gabe jarri zarete lanean eta horrela jarraitzen duzue, eta hori niretzat oso esanguratsua da, adierazten baitit nolako ilusioaz ekin diozuen apustu berri honi. – Tira, Ximeno! Etzazula pentsa musu-truk ari garela! Oraintxe bertan lapurreta burutzeko asmoa genuen, hamaiketakoarekin batera. Zer uste duzu? Kar, kar, kar –barre egiteari ekin zioten denek. – Lasai, ez duzue horretara iristeko beharrik izango, denontzat baitago dirua eta atzo entzun zenuten bezala, aurrerantzean kontratu dezente izateko aukera izango dugu, zorteak lagun. Beno ba, banan-banan deituko dizuet eta zuen dirua jasoko duzue... Almadiariak eseri ziren enborren gainean, lanabesak albo batera utzita, txandaren zain. Jasotako diruak udaberriko urak baino bedeinkatuagoak izan ziren, bakoitzak bere etxera iritsi eta erakutsi zituenean. Eta bi egun barru beste hainbeste, eta beste bi egun barru..... ezin zuten sinetsi. Pozak zoratzen ari ziren mandazain, aizkolari, almadiari eta beraien familiak. Lanabes berriak erosi, agian txahal edo behor batentzako dirua aurreratu, teilatua konpondu, ardo kupel eder bat erosi Salbaterratik zetozen merkatariei... hura oparia! Arratsalde erdirako lotuta zeuzkaten ur gainean bost almadiak, baina Ximenok sorpresa berri bat zeukan gordeta: – Lagunok, ikusi duzue lan honek ordain ederrak dituela baina arrisku berriak igaro beharko ditugu, garraio hau Aragoiko arduradunekin adosten ez duten bitartean. Hori dela eta, gure neurri bereziak hartuko ditugu almadiarien eta garraioaren biziraupena ziurtatzeko. – Berriro ere jasan beharko dugu soldaduara goiarren erasoa? –esan zuen Luxio almadiariak–. Gure bizitza jokoan dago Burgiko arroilatik ateratzen garen bakoitzean! – Halaxe da. Momentuz gauzak horrela daude, baina Erriberrin baietsi didate aurki aldatuko direla. Beraz, soldaduen geziak ekiditeko, lehen eta azken zatietan, oholez egindako babesa eraikiko dugu, hori da egin dezakegun guztia, zaurituak ez izateko. Eta azken gauza: denon aurrean izendatu nahi dut nire ordezkoa, noizbait ni ez banago, negozio honen ardura beregain hartuko duena. Gartxot izango da. Denborak erakutsiko du zuzen hala oker nenbilen erabaki hau hartzerakoan, eta almadiari bakoitza bere lekuan jartzerakoan. Baina mementoz hauxe da nire erabakia. Norbaitek zerbait esateko badu hitz egin dezala... –eta isilune luze bat igaro zen, inork ezertxo esan gabe–. Tira, ba, hala bedi. Zerbait esan nahi duk Gartxot? – Aurrena eskerrak ematea zuri, Ximeno, nigan jarritako konfiantzagatik. Espero dut ardura horiek behar bezala betetzea eta ahal dudan guztia ikastea ofizio honetan. Eta aprobetxatuz une hau auzi bat azaltzea nahi nuke: daukadan informazio baten arabera, gure artean eta almadiarien taldean hain zuzen, ez dakit nola esan... traidore hitza agian gehiegizkoa da, baina gutxienez salatari bat dugu. Aizkolariak izei erraldoia azken talkarekin, kirrika hotsen artean, hasieran emeki eta gero abailaz bota eta lurraren kontra sortzen duen danbatekoaren efektu bera sortu zuen Gartxotek esandakoak koadrilan eta Ximenorengan bereziki. – Ziur hago esaten duanaz, Gartxot? Oso baieztapen latza bota duk! – Zoritxarrez, halaxe da, baina ez ditut emango nire iturrien izenak. Hala ere orain arte egindakoa tristea bada ere, hots: Burgin gure senitartekoek egindako bilera baten berri ematea Nikolas abeltzainari, aurrerantzean ezer gogorragorik egin aurrena, ni neu behintzat, publikoki, hemen damutzen bada, bigarren aukera bat emateko prest nengoke. Zer deritzozu Ximeno? – Beno, orain arte egindakoa ez baduk hire ustez barkaezina izan, onartuko nikek nik ere. Zer deritzozue? Beste guztiek elkarri begiratu ondoren baiezko keinuak eta adierazpenak egin zituzten, balizko salatariaren arrazoiak entzuteko asmoz. – Tira, ba, ez zait oso zaila izango jakitea nor den eta izen bat badut buruan dagoeneko. Publikoki agertzen bada eta barkamena eskatzen badu onartuko dugu berriro ere koadrilan. Agertuko al du bere burua salatariak? Lehen bidaian Gartxot eta gero, soldadu aragoiarren mastan bi gezi iltzatu zituen Martin, aurreratu eta denen aurrean jarri zen burumakur. Zurrumurrua barreiatu zen ahoz aho, ibaiak uholdeen ondorioz ibarrean egiten duen bezala, eta elkarren artean hizketan hasi ziren ahopeka ia denak. – Martin? –esan zuen harrituta Ximenok–. Baina besteak bezala familia ezagun eta behartsuenen artean behartsuena haiz eta! Nola liteke? Zer tratu onartu huen? Zergatik? Txistua irentsi eta burua erdi makurtuta, Ximenori begira, erantzun zion: – Zuk zeuk esan duzu, behartsuen artean behartsuenak gara, hain behartsuak zeren gure zorrak handiegiak baitziren kitatzeko, ustezko negozio honekin eta horregatik berriro ere saldu egin behar izan genuen gure ohorea... tira, ohorea gehiegi esatea litzateke, aspaldi galdu baikenuen, zerbitzua hitza egokiagoa litzateke –eta hori esanez belaunikatu egin zen Ximenoren aurrean negarrez, erreguka. – Altxa, gizona! Altxa hadi! Nork eta zer proposatu zian? Berriro ere isilaldi luze bat zabaldu zen Ezkaren ibaiertzean, Martinek jakin baitzekien bere zerbitzuak eskatu zituena boteretsua zela eta mendekatzeko indarra bazuela. – Izena esan baino lehen, babesa eskatu nahi dizuet, babesa nire familiarentzat almadietan nagoenean. Zuetariko asko hemen geldituko zarete eta ez dut uste gehiegi eskatzea denik. – Tira, Martin, izango duk babes hori, gure gizonak jakinaren gainean zeudek eta alkaideak berak ere zerbait egin beharko dik. – Ongi da. Nikolas izan da, Nikolas abeltzainak presionatu gaitu ia itotzeraino, bere alde jarri eta esandakoa bete nezan. – Eta zer da bete behar huena, Martin? –bota zuen serios Ximenok, ia-ia jakinaren gainean. – Zu hiltzea Ximeno. Gauean lotan zeundenean zu hiltzea. Barkaidazu, barkaidazu! – Eta zergatik ez ninduzun hil Santakaran? Erantzun! – Ez nintzen ausartu. Ez nintzen gai izan nahiz eta labana eskuan, zuregana hurreratu. Baina Nikolasek gehiegi sakatzen gaitu eta ... – Tira, aski duk! Ikusi duk Nikolas bere ordaina jasotzen ari dela eta ez dela uste bezain boteretsua. Nik nire aldetik ulertzen diat hire egoera eta barkatzen diat, hik nire bizitza barkatu huen bezala eta hurrengo bidaian, hala erabakitzen baduk, almadian batera jaitsiko gaituk baina hire konfiantza osoa behar diat. Gutarra haiz, hala Nikolasen menekoa? Altxa hadi! – Almadiaria naiz eta almadiaria izaten jarraitu nahi dut, eta hori zuri zor dizut Ximeno. Nire konfiantza eta zerbitzu osoa duzu zure eskuetan, onartzen banauzu. – Onartua hago, Martin, esan diat, onartua hago. Tira, ibaia inoiz ez da izaten guk nahi bezain laua eta zuzena, bere bihurguneak baditik eta horiek gainditzeko prestatzen gaituk, ez al da hala almadiariak? Heia ba! Bihurgune hau ere gaindituko dugu. Bihar egunsentiarekin aterako gara. *** Hetxoko ibarrean beste almadia bat, beste nabata bat, aterea zen egunsenti horretan bertan, izeiz eta amorruz gainezka, mendeku gose. Roman nabatariak izan zuen bai, bere morroiaren bitartez, Oliba monasterioaren aferaren berri. Zorigaiztoko berria. Berarentzat izan behar zuena nori eta Ximenori eman! Bost zatiz osatutako nabata inoiz baino bortitzago jaisten ari zen Aragoi Subordan ibaia, ausartegi agian, amorruak estaltzen baitzizkion begiak Romani. – Tira, Roman, denok zekiaguna batarione naizela baina kontu gehiagoz gidatu beharko genikek, ezuste asko izaten ari gaituk ibilbidean, normalean izaten ez ditugunak. Lasai gaitezen! – Lasaitzea nahi baduk nik lagunduko diat ibaira jauzi egiten eta erabat, betirako lasaituko haiz bertan, koldar hori! Eta hori esateko burua itzuli zuen Romanek, hain justu ibai erdian agertzen zen harkaitz batek eskuineko aldetik, nabatari bortizki jotzen zion une berean. – Erne denok! Harkaitza eskuinean! –seinalatzen saiatu zen Romanekin batera aurreko zatian gidatze lanen ardura zeukan beste gizonak–. Erne denok edo gureak egin dik! Baina ze demontre gertatzen zaik Roman! Nahikoa diagu! Etor zaitez berriro ibaira eta utzi burutazio horiek bere garairako. Aski diagu Roman! Kolpeak eta lagunaren madarikazioak berriro bere onera itzularazi izan balute bezala, aurpegia eskuaz igurtzi eta irmo heldu zion arraun luzeari nabata zuhurrago gidatzeko asmoz. Gaua “El Matral” deituriko inguruan igarotzeko asmoa zuten, hain zuzen Ezka eta Aragoi ibaiak elkartzen ziren puntuan. Romanen arabera, hurrengo egunsentiarekin batera Ximenoren almadia agertuko zen eta uretako kontuak bertan garbituko zituzten. Tema hori sartu zien berarekin zihoazen beste bost nabatari armatuei. – Ximeno akabatu eta besteak zauritu ondoren, denek ikasiko ditek norenak diren ur hauek! –lelo horrekin zebilen bueltaka, lerro bakarreko abesti monotonoarekin. Han egongo ziren beraz, harraparia ustezko harrapakinaren zain dagoen bezala, lepora jauzi egiteko prest, eta segada honetan, ez bakarrik beraiek baizik eta Salbaterrako soldaduak ere, jakinaren gainean zeuden. Egoera latza benetan Burgiko almadiarientzat. *** Ximenok esan bezala, ohitu behar ziren ibaiaren zein bizitzaren gorabehera korapilatsuetatik onik ateratzera eta halaxe, berriro ere, hainbat herrikide goiztiarren agur beroa zubi gainetik jasoz eta hortzak estutuz, abiatu ziren almadia xelebrean Ezkan beheiti. Oraingo honetan sei lagun zihoazen: lau gidatze lanetan eta Martin eta Joxe, bata atzean, bestea aurrean, baleztak eskuetan, besteen bizitza babesteko asmoz, egoerak ezinbestean hala eskatuko balu. Almadia honek, hala ere, ez zuen zerikusirik hasierako biekin. Hasi bezain laster antzeman zuten, Ximenok ez beste guztiek, gidaritzaren zailtasuna, garraiatzen zuten bost zatiko almadia erraldoiaren bizitza propioa, alegia, eta horrek zekarzkien zailtasun apartak. Inoiz baino erneago ibili behar zuten Ximenok azaldutakoa ekiditeko, hots: aurreko eta atzeko zatien arteko kontrola galduz gero, erdibitu zitekeen “V” forma hartuz eta akabo bidaia. Almadia hau suge erraldoi baten antzera mugitu behar zuten, sigi-saga, “S” itxura emanez, hori zen kontrolaren ezaugarria. Balizko eraso baten aurrean, aurreko bidaian ez bezala, Martinek eta Joxek bakarrik erantzun ahal izango zuten, ez beste inork, nahiko lana izango baitzuten gidatzen. Bukatu zen arroila eta hasi ziren arazoak Aragoiko soldaduen eskutik: – Baina zer demonio egin dute oraingo honetan nafar ero hauek? Zer kristo dira babesleku horiek? – Zuk zeuk esandakoa, jauna –erantzun zuen gehiegi pentsatu gabe soldadu batek– babeslekuak, garbi dago. – Tira astapito halakoa, ez diate buru hori pentsatzeko eman, tiro egin ezazue. Tiro egin almadiak gelditu arte. Eta berriro ere aurrekoan gertatukoa errepikatu zen ia-ia. Zaldun guztiak almadiari jazarriz, agertzen eta desagertzen ziren zuhaitzen artean. Baina oraingo honetan kapitain aragoiarrak, arkulari batzuk zeuzkan prest, almadiariak hiltzeko asmoz. Gezien zaparrada gainera etorri zitzaion almadiari. Oholak lodiak ziren eta bere lana ederki betetzen zuten. Almadiak ontzi fantasma bat zirudien, ikusezinen eskuek gidatutako ontzi fantasma, ez hitzik ez gizakirik begi bistan. Patuak gidatua? Sentsazio horrek une batez aragoiarren bizkarrezurra zeharkatu zuen eta dardarizoa eta beldurraren menpe, geziak jaurtitzeari utzi zioten, han ez baitzen zulatzeko inor ikusten. Zer kristo ote zen hura? : Almadia edo “arimadia”? Kapitain aragoiarra ahoa bete hortz gelditu zen zaldiaren gainean ezpata eskuan eta lelo aurpegiarekin, zer esanik jakin gabe. –Hau sorginkeria ote?–. Geziz jositako “arimadia”k Ezkan behera egin zuen, deabruaren eskuak gidatuko balu bezala, Aragoirekin talka egin arte. Elkartu bezain laster, zurezko sugeak bere norabide berrirantz jo zuen. – Roman, gauza bera ikusten ari gara? – Bai, Ramirez, baina zer da hori? Sekulan ez diat halakorik ikusi. Bi buru duen sugea ematen dik. Eta nork gidatzen du? Egunsentiaren argi apurrak eta distantziak ez zieten Hetxoko nabatariei behar bezalako ikusmena eskaintzen, baina hala ere tentuz, atzetik jarraitzeari ekin zioten. – Horrelakoak badira hik ezagutzen duan Ximeno horrek egiten dituen almadiak, ez diagu zereginik. Hobe bakean uztea. Hori ez duk almadiari arrunta, deabruarekin tratutan ibiliko duk. Utz dezagun bakean. – Lasai, jarrai diezaiogun kontuz eta ikusiko diagu zer ote den –errepikatu zuen Romanek, berak ere sentitzen zuen beldurra gainditu nahian. Eta hori esan ondoren almadia fantasman bi gizon agertu ziren saltoka: Martin eta Joxe, jauziak eta oihuak eginez, pozaren pozez. – Lortu dugu, lortu dugu. Zuloz josi gaituzte baina guk hala ere, aurrera, beti aurrera! Eta arraunak askatzen ez zituzten beste lau almadiariei begiratu eta konplizitate keinua jaso zuten. Ongi, benetan ongi ateratzen ari ziren gauzak, nahiz eta geroz eta azkarrago gibeletik zetorkien nabata ikusi ez. – Ikusten? Banekien amarru bat besterik ez zela. Zer deabru eta zer arraio! Ximeno eta bere gizonak dira babeslekuetan gordeta, soldaduek zulatu ez ditzaten. Goazen haien bila, goazen Ximenoren bila. Azkar! Eta hori esanez arraun egiteari ekin zion Romanek amorrazioz beteta, mendekua eskura ikusten baitzuen. Nabatari aragoiarren trebezia handiagoa zen eta nafarren lasaitasuna aprobetxatuz hurbildu ziren, geziak jaurtitzeko distantzia bilatuz. Joxe eta Martin berbetan ari ziren, pozaren pozez, gezi batek Joxeren beso bat zulatu zuenean. – Hats! Zer da hau? Nondik atera da gezi madarikatu hau? Lagundu, eraman nazazue babeslekura, azkar! Besotik gezia kendu beharra daukat. – Zer gertatzen duk, Martin? –esan zuen Ximenok beraiengana zekarten zauritua ikustean.– Nondik atera duk gezi hori? Tira! Hoa eta aurre egiok dena delakoari. Ez gaituzte txitak bezala harrapatuko. Nabatatik bi arkularik geziak jaurtitzen jarraitzen zuten geroz eta gertuago. – Zer da hau, Ximeno? Almadia bat da eta gu zulatu nahi gaituzte? Zer demontre da hau? Ximenok une batez arrauna Martinen eskuetan utzi eta burua atera zuen babeslekutik. – Roman! Roman eroa nire bila, mendeku bila. Ero horrek ez du ezer ulertu nahi, dena eskuratu nahi du –esan zuen ukabilak estutuz. – Almadiari aragoiarrak dituk, Martin, eta gu akabatzea nahi ditek. Aurrean oihuka doana Roman duk, ezagutzen diat. Ero galanta. Lortuko al duk bi baleztari horiek deuseztatzea Martin? – Bailortuko dut, lasai egon. Zuek jarraitu zuenarekin– eta arraunaren giderra eskaini zion. Erronkariarrak baleztari trebeak ziren eta koadrila horretako trebeena Martin, dudarik ez! Babeslekuak ematen zion oinarria profitatuz, geziak jaurti eta bi nabatarien oinak zulatu zituen, haien harridura eta zorigaiztorako. Erreguka eta odoletan nabatazorura erori ziren. Romanek, anabasari jaramonik egin gabe eta almadiaren hurbiltasuna akuilu zuelarik, aurreko arraunlaria bakarrik utzi eta enborrak mugitzeko erabiltzen zuten kakodun pertika bat hartuz, abordatzea egiteko prestatu zen, behin eta berriro Ximenoren izena madarikatuz. Ximeno konturatu zen bere izena hain hurbil entzutean, zein zen egoera, are gehiago Martinek bere balezta, ero harengana destatzen zuen une berean. – Ez, Martin! Ez! Nirea duk! Gizon hori nirea duk! Hartu arrauna, azkar! Martinek onartu zuen Ximenoren agindua, nahiz eta baleztaren kakoa galkatuz, kopeta erdian eman ziezaiokeen bete-betean, metro batera zegoen ero hari. Jauzi egin zuen Romanek, pertikaren laguntzaz almadiara, justu Ximenok bizkarrean zeraman aizkorarekin aurre egiten zionean. – Utz ezak mendeku alu hau. Ez zagok nor mendekatu, hire botere grina aseezina ez baduk, ero hori! – Hau izango duk hire azken bidaia eta baita hire lagunena ere, Ximeno traidorea! Pertika bi zatitan hautsi zen Ximenoren aizkoraren kontra. Armak utzi eta eskuekin jarraitu zuten kolpeka,zilipurdika, dantzan zebilen almadiaren gainean, eta ur zurrunbilo batek eragindako norabide aldaketa batean, Romanek oreka galdu eta Aragoira erori zen. Irentsitako lehen urekin eta ibaiaren indarra bere hanketatik tiraka sumatzean, garrasika hasi zen nabataria, justu Ximenok aginduak ematen zizkienean bere gizonei. – Gartxot, ero hori harrapatzen dudanean bota erdiko urkilari lotuta daukagun soka luzea eta atera gaitzak. Zorte on! Gartxot harrituarengandik erantzunik jasotzeko betarik eman gabe, jauzi egin zuen Ximenok ur-lasterretara, esku bat besterik ikusten ez zen gunerantz. Istant batean, biak desagertu egin ziren uretan, handik apur batera berragertzeko. Ximenok lepotik helduta zeukan Roman. Hura zen unea lakio batean bukatutako soka gotorra itotzear zeuden gizonei ahalik eta gertuen botatzeko. Lortu zuen Ximenok eskua lakioaren barruan sartu eta heltzea, almadiarira erakarri eta igo zituzten arte. Gertatutakoak gertatuta, nahiko modu kaxkarrean gidatzen ari ziren, bai nabata eta bai almadia, eta ibai ertzerantz jotzea deliberatu zuten nafarrek, atseden hartu eta egoera zertxobait konpontzeko asmoz. Gauza bera egin zuten askoz okerrago zeuden nabatariek eta Tiermas pareko ibai-bazter batean geldiarazi zituzten ontziak. Zaurituak lehorrera atera zituzten eta zauriak ahal bezala garbitu eta tornikete batzuk egin ondoren, egoera baretzen joan zen. Roman, halako batean, irentsitako urak bota eta bere onera etorri zen. – Zer gertatu da? Non gaude? – Zer gertatu den diozu? –erantzun zion berarekin nabata gidatzen zuenak–. Zure erokeriak ia denak ito gaituela, ero hori! Horra hor gertatu dena. – Ikusitakoak ikusita, gehiago balio du zuretzat diruak zure gizonek baino. Gaur inoiz baino garbiago gelditu da Roman. Oso garbi. Eta saldu diguzun Ximeno basapizti horren irudiak ez du zerikusirik gizon kementsu honekin, bere bizitza zu salbatzeagatik arriskuan jarri duen gizon honekin. Nor da basapiztia, ero halakoa? – Ximenok salbatu? Baina zergatik Ximeno? Hiltzen uztea besterik ez huen egin behar eta negozio guztia hiretzat. – Ez naik negozioak bakarrik mugitzen Roman, nahiz eta hik halakorik ulertu ez. Hemen denontzat zegok lana, eta badakik, oso ongi dakik. Ez diat ezer hire kontra, eta are gutxiago hire gizonen kontra, beraz konpon dezagun arazo hau behin betiko gure artean edo hurrengoan ez diagu gupidarik izango. Romanen gizonak erabat ados zeuden. Bakarrik bere nagusi egoskorraren azken hitza falta zen haien arteko lehia konpondu ahal izateko. Lurrean blai arnasestuka zegoen Romani begira gelditu ziren aragoiarrak. – Ados, Ximeno, ados. Bakea egin dezagun nire aldetik piztutako gerla honetan. Eta eskua luzatu zion auziari bukaera emanez. Nabatariak bertan gelditu ziren, haietariko bat Tiermas herrira laguntza bila zihoan bitartean eta almadiariak ibaian murgildu ziren berriro, Zangoza helburu. Nabatari eta almadiarien arteko lehia, zirudienez konponduta zegoen. Ibaiaren beste oztopo bat gainditu zuten, ibaia lagun. Arimadia, soldadu aragoiarrek deitu zioten bezala, Aragoin behera zihoan, bere itxura bereziarekin Nafarroako lurretan sartu zenean. Iritsi ziren Zangozara eta ohiko ontziralekuan almadia lotu eta bi gizon zaintza lanetan utzi ondoren, zauritutako Joxe medikuarengana eraman zuten. Bere egoera larria ez zela ziurtatu eta Joanes merkatariarengana jo zuen Ximenok, garraioaren berri emateko. – Eguerdi on, Joanes –esan zuen ate gotorra mugituz–. – Baita zuri ere, Ximeno! Iritsi zarete? Lortu al duzue? – Bai, halaxe da! Ez zenuen espero edo? Kuriosoa da egun berean eta ordu berean Romanen nabatariak ere bidaia berbera egitea, ez duzu uste? – Begira, Ximeno, azaldu nizun Romanen morroiari tratuaren berri eman behar niola eta hortik aurrerakoa, zuk sinetsi ala ez, beraien erabakia izan da. Baina gauza bat esan behar dizut: ez nuen uste lortuko zenutenik, alajaina! Imajinatzen dut oztopo gehiago izan dituzuela bigarren honetan eta ez baduzue garraio hau arautzen Aragoiko arduradunekin, egunetik egunera zailagoa egingo zaizue ibaia jaistea. – Halaxe da bai, eta horren esperoan gaude, ea Erriberritik erabakiren bat hartzen duten! Dena den, eta gaurkoarekin jarraituz, non utzi behar ditugu enborrak eta nor izango dugu zain? – Bai, Karkaztelun izango da, eta Olibako lanen arduraduna den “Buru” deituriko arotza, zuek iritsi arte zain izango duzue inguruetan. – Ongi da. Bagoaz ba lehenbailehen! Ikusi arte, Joanes. – Zorte on, Ximeno. Berriro ere Joxe oheratua zegoen medikuaren etxetik igaro eta bere egoera hobera zihoala ikusita, lasaiago bueltatu zen almadiarantz. – Joxe, hik atsedena hartu eta itzultzerakoan pasatuko gaituk hire bila. Askatu zuten almadia eta berriro ere Aragoiren uretan murgildu ziren, arraunei eraginez eta lasaitasuna lagun, Zarrakastelu helburu, “Buru” delakoaren bila. ERRONKARI HELBURU Bitartean, Erriberriko gortean erabaki garrantzitsuak hartzen ari ziren hainbat gairen inguruan. Gaztela eta Aragoiko erresumen presioa zela medio haien aldeko eta kontrako jarrerak nagusitzen ari ziren erresumaren leku ezberdinetan, eta Nafarroako hainbat noble, bando batean zein bestean lerratzen ari ziren poliki-poliki: Gaztelazaleak edo Nafarroazaleak. Erronkarik aspalditik ekialdeko mugaren papera jokatzen zuen eta nahiz eta Karlos III.aren erregealdian gatazka berezirik suertatu ez, hainbat erabaki hartzeko ordua iristen ari zen ibar horretan eta konkretuki, Burgiko gazteluan. Horien artean, almadiaren garraioarena zegoen: Erregek hartutako erabakian ez zegoen bakarrik Erronkarirekiko keinu berezia. Horrekin batera, ondo jokatuz gero, balizko gatazka baten aurrean, bere alde jarri nahi zituen erronkariarrak. Baita ere nolabaiteko garbiketa selektiboa egin nahi zuen mugan, kontrabandoan, hain erraz aberasten ziren hainbat abeltzain boteretsurekin, ikus zezaten, zigortu batzuen lepotik, nondik jo behar zuen haizeak aurrerantzean. Horretarako konfiantza osoko gizon bat behar zuen Burgiko gazteluan, eta ez bake garaietan diru eta bizimodu errazaren arrimuan gizendutako Lope alkaide ahula. Gizon hori, berak hala eskatuta, Antso kapitaina zen. Tentu handiz azaldu beharko zion Lope alkaideari gortearen asmoak, garaiak ez baitzeuden etxe barruan etsai berriak sortzeko. Aldaketa garaiak zetozela eta, erretiratzeko gomendioa eskaintzen ziotela eta halakoak esan beharko zizkion Lope zaharrari, mindu gabe baina kementsu, era berean. Haren laguntza ere beharko zuen herriko sagar ustelak ezagutu eta haietariko baten bat zigortzeko. Horrekin batera Salbaterrako kapitainarekin ere almadiaren inguruko zergak eta tratuak adostu beharko zituen eta horretarako eta mugan zehar zaintza lanak egiteko, soldadu-talde handiagoa eramango zuen orain arte zegoena indartzeko. Agian gazteluak obrak beharko zituen biztanle berriak bertan egokitzeko. Burutazio horiek guztiak zebilzkion jira-biraka, Erregek, morroi baten bidez, bere aurrera deitu zionean. – Antso, hurbil zaitez! Nire aitaren borroka garaiak alde batera utzi nahi izan ditut erregealdi honetan, harreman saiakera bereziak eginez hiru erresumekin helburu hori gauzatzeko asmoz. Itxuraz bakean bizi arren, jakin badakit Nafarroa harrapakin preziatua dela haientzat guztientzat, eta bereziki Gaztela gudazalearentzat. Hala ere Aragoiko muga bereziki zaindu behar dugu eta horretarako bidaltzen zaitut zu Antso, nire kapitainik leialena eta kementsuena lur haietara, erronkariar leialekin batera ekialdeko muga indartu dezazuen, bai bihotzetan zein gazteluetan. Ziur naiz lortuko duzula erronka hau hainbeste maite duzun lur horietan, eta erronkariarrek berehala antzemango dutela iritsi berria den Erriberako kapitain honek ia beraiek bezainbeste maite duela haien ibarra, Erronkari malkartsua. Zoaz lehenbailehen! – Zure esanetara, Errege! Agindutakoa ahalik eta hoberen burutzen saiatuko naiz. Errege-areto dotorea atzean utzi eta plaza nagusian zain zuen soldadu-taldearen buruan jarri ondoren, besoa altxatu eta agindua eman zuen: – Erronkarirantz, soldaduok! Hogei soldadu zeramatzan bere agindupean, maiatzaren erdialdean Erriberriko palaziotik atera zen kapitainak. Zalantza asko zeuden egitasmo berrian eta zailtasun ugari, garai berri korapilatsuagoak aurreikusten baitziren Nafarroan eta bere inguruan gero eta indartsuago bultzaka zeuzkaten erresumen artean. Xabierren eta Zangozan gelditu ondoren, hainbat agindu uzteko bertako nagusiei, Leireko monasterioaren bide aldapatsua hartu zuten, mendizerrari ekin baino lehen otoitz egiteko Nafarroako erlijio-gune esanguratsu eta maitagarrienean. “Zeruan eta lurrean diren indar guztiak beharko ditugu gure askatasunari eusteko” –pentsatu zuen Antsok. Leireko abadearekin mintzatu eta gero otoitz egitera sartu ziren zaldunak, bedeinkazioaren bila. Ezagutzen zuten Birila santuaren legenda, non Leiretik mendira atera eta gero, txori baten kantuaren liluran, denboraren zulo neurtezinean murgildu zen, konturatu gabe. Beraiek ez ziren santuak eta ez zuten denbora alde, beraz, kaperatik atera, armak jaso eta eskularruak tinko finkatuz zaldietan igo ziren, mendizerrako bidea isilean igarotzeko. Talaia haietatik Tiermasi, Aragoiko herri gotortuari, behin eta berriro so egiten zion Antsok, zergatik jakin gabe, agian edozein militarrek egingo zuen bezala, nolabaiteko mugimenduak antzeman nahian edo... “Askoz errazago litzateke ekialdeko muga zaintzea lau herri horiek menpean izanda. Tiermas eta Salbaterra menperatuz, beste biak, Ezko eta Sigues, nekazal herriak, erraz etorriko lirateke Nafarroaren uztarrira, bertako biztanle asko oraindik euskaldunak baitira”. Tamalez, hori ez zen horrela eta sekulako buelta eman behar zuten Leireko mendikatetik Erronkarin barrena sartzeko; neguan, gainera, erabat inkomunikaturik gelditzen ziren lur haiek. “Dena ez dago gizakion eskuetan, patuak ere bere lana egin behar du” –pentsatu zuen mendizerra irabazi ondoren lursail ikaragarriak bere oinetara ikustean. Ezker aldetik gertu zituen Arbaiungo arroila ikaragarriaren horma bertikalak, eta hegaka zirkuluetan haren gainean, sai saldo handiak, haratustelaren bila. Hegoaldera, Aragoi ibaiak marrazten zuen ibar zabala. “Herri ederra eta aberatsa benetan Nafarroa” –pentsatu zuen haren zerbitzurako bere bizitza emateko prest zegoen gudari leialak. Oraindik goiz zen Erret-Bardeetan neguko zazpi hilabeteak pasatzera joandako artzain eta artaldeak bortuetako larre freskoetara itzultzeko. Hilabete bat falta zitzaien oraindik eta egiten ari ziren bide hura aspaldikoa zen, altxunbidea deitutakoa. IX. mendetik Antso Gartzia erregeak, Olasteko gudaldian, arabiarren aurka erakutsitako ausardiaren truke erronkariarrei emandako eskubide historikoa. Denbora aurrera zihoan inongo gorabeherarik gabe espedizioan eta gutxi gelditzen zitzaien Burgira jaisten zen nalda hartzeko. Geldialdi bat egin zuten, hankak luzatu eta mokadu bat jateko. *** Burgiarrek ez zekiten ezer Antso kapitainaren etorreraz eta bizitzak ez zeraman ohiko martxa, ibarraren atea zen herri txikian. Nikolas, berriro ere, almadiarien bidaia aprobetxatuz, bueltatu zen bere aurreko jazarpenera, mendeku bila, jasotako mezua ulertu ezinean. Errudun bat behar zuen, edo bi, edo gehiago, bere aurka egindako ekintza guztiak ordain zitzaten eta handik edo hemendik zigor bila zebilen, bazterrak harrotzen. Txurrut mutua, ezinbestean, ez zegoen bere aginduak betetzeko pronto, garestiegi ordaindu baitzuen egindakoa, eta gero eta hordituago igarotzen zituen egunak egoera tamalgarrian, baina abeltzain harroak bazeuzkan oraindik morroi gehiago eskura, edo hori uste zuen behintzat. Gertatutakoak gertatu ondoren, bere alde jokatzen zuten ohiko bi kidek atzera egin zuten harremanetan, laguntasun hura alde batera utziz, mementoz. Ez zen kikildu hala ere Nikolas eta hainbat zor zituen Lope alkaidearengana jo zuen. Gazteluan aurkitu zuen, noski, bere etxeko gela nagusian eserita, zakur bi lagun. – Kaixo, Lope! Zer moduz portatzen dira oparitutako ehiza txakurrak? Ibili al zara jadanik basoan, basurdetan? – Kaixo, Nikolas. Txakur onak dira, baina aurten ez naiz atera, ez oraindik. Ez dut gogorik eta gainera hanka bat gaizki daukat. Nahiago dut zaldian paseatzea noizean behin. Eseri zaitez. – Ai, Lope, urteak, urteen kontuak dira horiek. Zaindu beharra daukazu, eta zure lagun leialenak ere gehiago zaindu beharko zenituzke. Honen harira, konturatu al zara ez duzula ezer egin nire etxearen kontra gauzatutako erasoen aurrean? – Bai, baina zuk ere baduzu horretan ardura, bestela zertara etorri zen Kattalin gaixoa beraien kontrako jazarpena salatzera? Zuk eta nik badakigu nor den eragilea. – Tira, tira! Noiztik arduratzen da alkaide bat herriko azken morroiarengatik, ezkongabe lizun horrengatik? – Nikolas, zuk badakizu ez dudala gehiegi sartzen muturra aragoiarrekin dituzun aferetan baina mugan zaude, bai muga geografikoan, zein legezkoan, eta dena ez da libre, beraz mugatu zure nahiak edo... – Edozer? Beldurra dizudala uste al duzu? Lagun boteretsuak ditut, zuk uste baino boteretsuagoak, eta berandu baino lehen konturatuko zarete bai zu eta bai herri honetako hainbat gizajo zein den nagusia hemen. Hori bada zure erantzuna nire eskaerari, gogoan izango dut aurrerantzean eta ohi bezala nire erabakiak hartuko ditut. A, eta gauza bat Lope: Ez zaitez jarri nire bidean, bestela istripuren bat gerta daiteke, argi dago? Burua makurtu eta txakur bat laztantzen hasi zen kasurik egin gabe Lope. Nikolas handiputza begiratu zuen atea itxi eta danbateko bat emanez desagertu zen arte. “Ezer gutxi egin zezakeen bere lau soldaduekin benetan indartsua zen abeltzainaren aurka”. Alkaide bezala zeraman azken hamarkadan erabat ahaztuta zegoen gaztelua eta lau paretak eustea izan zen bere zeregin nagusia. Erriberriko gorteak, zirudienez, ez zuen beste egitasmorik lur haietarako. Hasperen egin zuen, beheko suan beste egur bat jarri ondoren eta orduan kanpai hotsa entzun zuen, ezohiko bisitak zeudenean jotzen ohi zena, baina oraingo honetan errepikakorra oso. Txakurrak xaxatu zituen berarekin atera zitezen. – Tira, lagunak, mugi zaitezte, bestela zuek ere herrenak geldituko zarete ni bezala. Goazen ikustera zein den hainbeste kanpai hots merezi dituen bisitaria. Kukulako arroka gainean zegoen gaztelu xumearen harresira igo eta soldadu batek seinalatzen zuen bezala, Nabaskoitzeko biderantz behatu zuen. Soldadu saldo bat zetorren, lau zaldun eta beste hamaseiren bat oinezko, mandoak eta gurdi batekin. Zirudienez, karga dezente zekarten. Berehala Nafarroako zutoihala bilatu zuen asaldatuta, eta baita aurkitu ere, bigarren zaldunaren eskuetan, tinko haizearekin dantzan. Berriro ere hasperen egin zuen, arnasa sakon hartuz, zeren ez bera ezta gaztelua ere, ez baitzeuden prestatuta inongo erasoari erantzuteko. Harresitik jaitsi zen korrika eta gazteluko “konpainia” antolatzen saiatu zen ahalik eta txukunen, harrera itxuroso bat eskaintzeko etorri berriei. Soldadu saldoa Burgin sartu zen, bertakoen begirada harrituen pean, aspaldiko partez ez baitzuten gogoratzen halako desfile dotorerik ezta ibarrean zehar ere. Buruan zihoan kapitainak irribarretsu agurtzen zituen. – Soldadu gehiegi gauza onerako!– esaten zion amatxi batek atarian zegoen gizonari. – Baizera, andrea! Zuk beti gaizki pentsatu behar. Agian ez dira hemen geldituko. – Bai, artaburu! Baina modu batean edo bestean horiek jan bai baina lanik egin ez! Ulertzen? Beti izan da horrela eta beti izango da! Kuxkuxero guztien artean bazegoen bat begi onez ikusten ez zuena, inondik inora, hainbeste soldaduren etorrera. Asturu txarrekoa zen hura guztia Nikolasentzat. Mugitu beharra zeukan isilpeko itun baten bila. Gazteluko atearen aurrean gelditu zen konpainia, Lope eta bere lau soldaduen aurrean, zehazki. – Egun on, Lope alkaidea, Antso kapitaina nauzu eta gazteluan sartzea eskatzen dizut, Nafarroa eta Erregeren izenean. – Aurrera, Antso, ongi etorri berriro ere zeure etxera. Eta kortesiazko eskaera egin ondoren Antso eta beste hiru zaldunak, barrenera sartu ziren. *** Maiatzean lehen enarak etortzearekin batera, beste enara batzuk ere azaltzen ziren bortuaz gaindi, Erronkariko herrietara itzuliz, negua Mauleko espartin lantegian pasa ondoren. Erronkariko ezkongabeak, emakumeak ziren gehienak, eta gizonak artzain lanetan eta beste ofizio batzuk zirela medio ibarretik atera behar ziren bezala, beraiek usadio berbera jarraituz, iparralderantz, Zuberoako lurretarantz alde egiten zuten. “Enaren ibilbidea” deitutako bidaia luzea zen, eta itzulera burutzean, herriak emakumeen aurpegi gaztez eta alaitsuz betetzen ziren. Zenbat besarkada!, zenbat malko eta irri, denak nahastuta, zenbat kontu esateko Zuberoako hiriburuan lanean emandako neguko ordu ilun eta hotz haietaz! Udaberriaren argitasun eta pozarekin, alaitasun berria zetorkion ibarrari: halabeharrez etxeetatik lan bila urtero alde egindako neskak, emakumeak, etxera bueltatzen ziren. Erronkariar enara hauek hizkuntzaz zubererarekiko antzekotasunak zirela medio, itzuleran, are zuberotarragoa bihurtzen zuten bere erronkariera, neguan Maulen emandako orenen poderioz. Euskal Herrien eta hizkuntzen arteko harremana horrela gauzatzen zen Erronkari eta Zuberoaren artean. Onki xin, enarak! Garazi oraindik gaztea zen bidaiatu eta Maulen lan egiteko, baina bera baino bi urte zaharragoak ziren lagunak iristear zeuden Burgira. Hauxe zen garaia! Bere bi lagun maiteenak bihar bertan agian, egongo ziren berarekin: Joana eta Andeia. Zenbat kontu eta zenbat istorio, amodio eta desamodio, amets, izango zituzten elkarri kontatzeko. Garazik bazekien, almadiarietako bi haien gustukoak zirela. Zer ezusteko jasoko zuten bi enarek haien berri izatean! Agian ez zuten datorren neguan herria utzi beharko, dena orain arte bezala bazihoan... agian. *** Mementoz Ximenoren koadrilak garraiatzen zuen zurak ez zuen Zangozatik pasatzeagatik inongo zergarik edo bide-zorrik ordaindu, Erregek eta apaizek hainbat nobleekin batera, betidanik egiten zuten bezala. Beraz, denak irabazle. Gortearekin harreman egokirik ez zuenak, zergak ordaindu behar! Zer esanik ez! Iritsi ziren Karkaztelura eta almadiak lotu bezain laster, gainera jauzi egin zuen ertzean zegoen gizon batek, ezer esan aurretik, eta bizpahiru bira eman zituen enborren gainean. – Ikaragarria, zoragarria! Ezin nuen sinistu Benitok esandakoa! Kontatu zidaten hainbat nekazarik, aurreko bidaian, zuek hemendik pasatzean ikusitakoa, baina ezin nuen ulertu, ezin sinetsi, alafede! –eta alde batetik bestera pasatzean lokarriak eskuz errepasatu eta urkilak ukitu, arraunak eskuetan hartu eta berriro ere bi zatiak lotzen zituzten hurritza adarrak haztatu, eta almadian gora eta almadian behera, horditurik bezala.– Hau eraikin ibiltari harrigarria! Baina nori bururatuko zitzaion halako asmakizuna? Hura bai gizon burutsua! – Eta nork esan dizu gizon bat izan zela? Kar, kar, kar!– barre egiteari ekin zioten almadiariek, ezin sinetsiz gizonaren balentria edo erokeria, inoren gonbiterik gabe almadia gainean horrela ibiltzeko– Nor zaitugu lagun? Jakin al daiteke? Bat-batean, gizonak tximistak jota bezala almadia erdian seko gelditu eta erantzun zuen: – Barkatu, barkatu, barkatu! Beti gertatzen zait gauza bera zerbait harrigarria ikusterakoan, eta zinez diotsuet aspalditik ez nuela halakorik ikusten! Barkatu! Buru arotza naiz, Olibako monasterioaren obra arduraduna, eta zerbaitetarako bedeinkatua izan behar bada gure Jaungoikoa, honetarako izan dadila, halako mirakuluak sortzeko, alegia. Aitaren eta semearen...– hasi zen erretorika gizon xelebrea –eta bizkarrean trabes zeraman zahatoa gainetik kenduz, almadiariei eskaini zien. – To, to, edan ezazue, ona da benetan. Lur hauetako odola, bedeinkatua, Jaungoikoak egunero berak sortutako eguzki boteretsuaren bitartez ontzen duena. Dastatu! Halakorik ez duzue inoiz probatu, ziur nago! Hau ere beste mirakulu bat da: ardoa, ardoa. Zer litzateke bizitza emakumerik eta ardorik gabe, zer aspergarria ezta lagunok? Almadiariek onartu zuten eskaintza eta zinez ona zegoen. Berehalaxe konturatu ziren monasterioko arotza zurrutero aparta zela. Hark zuzenduko al zituen obrak? Sekulako monasterioa aterako zitzaien alajaina! Barre algarari eman zioten zahatoa pasa ahala, gizon txiki eta bizkor hura ikusi eta entzutean. – Etzazuela pentsa mozkortia naizela! Et, et, et. Lan egiteko bakarrik zahato bi behar ditut egunero, bestela lan guztiak gaizki ateratzen zaizkit! Ez da ardo asko, ezta lagunok? Onbera zen gizona eta denboraldi bat egon behar izan zuen berarekin Ximenok hizketan, azalpenak ematen almadiaren eraikuntza prozesu guztiari buruz. Noiz moztu, nola, zergatik xafla haiek? Zertarako? Noiz jaitsi ahal zen ibaia, arraunaren forma berezi hura nola... almadia bera jaistea baino neketsuago izan zen une hura. Halakorik! Hura zen jakin-mina! Langile fina izan behar zuen... ardoak uzten zionean. Almadia desegin ondoren, mandazainek hartu zuten erreleboa, bere mandoen uztarrietara lotutako soka, enbor bakoitzaren zulotik pasatu eta tira eginez gurdien gainean jarri zuten arte. Normalean garraiatu zituzten enborrak bospasei metrokoak izaki, ibai ertzean bertan erdibitzen zituzten, eroslearen beharren arabera, horrela askoz errazago garraiatzeko. Lan horietan ari ziren bitartean, Buru arotza ezer esan gabe desagertu egin zen. Denek pentsatu zuten bere barrenerako: Hau bakea! Jatorra bai, baina nekosoa ere! Eta jarraitu zuten enborrak erdibitzen. Lana bukatzear zegoela, hara non agertzen den arotz xelebrea otarrez jositako asto batekin. – Lagunok, lagunok! Entzun gauza bat! Alde egin baino lehen opari batzuk eman nahi dizkizuet, baina hau sekretupean gorde behar duzue, bestela apaizek antzarrak ferratzera bidaliko naute hemendik. – Zer dugu ba, Buru? Zein da sekretu hori? Arotzak itxoin zuen mandazainak alde egin arte eta zuhaizti batera eraman zituen. – Tori, hiru besterik ez daukat baina egingo dizuet gehiago berriro etortzen zaretenerako. – Baina zer da hau? –esan zuen Ximenok oihal banatan batuta zeuden hiru balezta atereaz–. Inoiz ikusi ditudan baleztarik ederrenak dira! Ederrak bezain onak dira tiro egitean? – Zuk zeuk proba egin ezazu. Ximenok Gartxoti eta Martini pasatu zien balezta bana eta inguruetako zuhaitz baten adar meharrei tiro eginez, erdibitu egin zituzten. – Zoragarria! Inoiz ez dut hain balezta arina eta zehatza izan esku artean, ez duk hala Martin? – Bai, benetan arina eta indartsua da, ederra benetan! – Nire sekretua da... eta lagun errementari batena noski. Nik ematen dizkiot ideiak eta berak egiten ditu burdinazko piezak. Nire benetako zaletasuna hau da: armagintza, baina denbora librean eta ezkutuan egin behar dut bestela abadeak hemendik bidaliko nindukeen. Oso gustuko dut tramankulu handiak diseinatzea ere, baina horiek paper gainean besterik ez, ez baitaukat ez dirurik ez tokirik eraikitzeko. – Badaukat ikusterik marrazki horiek? Eta arotza baino jenio baten plano eta marrazkiak ziruditenak erakutsi zizkien Buruk. Han denetik zegoen: tamaina guztietako katapultak, balezta erraldoiak, kako jaurtikitzaile galantak. Edozein gudarosteren hornikuntzarako arma preziatuak. – Sorpresaz beteriko gizona zara Buru! Benetan! Hortik datorkizu goitizena? Burutsutik? Tori, oso plano ederrak eta beldurgarriak dira, militar askok bere eskuetan izan nahiko lituzketenak, ziur egon. – Zuretzat, Ximeno: Baditut kopiak eginak. Agian ezagutuko duzu militarren bat, begiradatxo bat botatzeko parada izango duena. Zuretzat. – Ongi da, gizona, eskerrik anitz. Kontu handiz gordeko ditut eta pertsona bati erakutsiko dizkiot ea zer deritzon. Egongo gara Buru. – Ah, eta azken oparia alde egin baino lehen. Astoa eta ardoa, otarretan. Nafarroako ardo zoragarria jaki batzuekin, bueltako bidaiarako. Bidaia ona izan. Agur lagunak! Gizon adeitsua zen arotza eta besarkada bana eman zien almadiariei, oso hunkitua baitzegoen haiekin emandako orduak eta gero. Jaso zuten monasterioaren agiri bat, egindako garraio eta lanaren seinale bezala eta Zangozarantz abiatu ziren dirua kobratzeko asmoz, lagun berri bat atzean utziz. Dena ez zen arriskua izango ba ofizio horretan! *** Burgiko etxe batean bilera bat burutzen ari zen hiru ezagunen artean, zeren diru kontuak tartean daudenean, laguna hitza erabiltzea gehiegizkoa izan baitaiteke. Nikolas oldartsu mintzatzen zitzaien beste biei. – Baietz! Horrela dela! Zergatik uste duzue bidali dituztela hogei soldadu Burgira? Aragoiarrak erasoren bat prestatzen ari direlako. Ziur naiz, nahiz eta azken bidaian horren berririk ez eman Txurrut ... mutuak –esan zuen tarte bat eginez–. Egin behar dugun bakarra zera da: kontrabandoa murriztu, jakin arte zehazki zenbat denborarako etorri diren eta itxoin, aragoiarrek eraso egin arte. Garaipenaren ondoren gure ordua iritsiko da eta bakoitzak bere saria izango du. – Eta saiatzen bagara herria kontra jartzen? Hogei soldadu mantentzea oso garestia atera daiteke herritarrentzat eta seguruenez zergak igoko dituzte. Denbora kontua da nire ustez. Ezin izango dute halako taldea hemen luzaro mantendu azpilana ondo egiten badugu. – Gainera has gaitezke esaten Aragoiko ibarretan zergak askoz arinagoak direla, ezta Nikolas? – Zer? Bai, beno, tira... utz ditzagun zehaztapenak gerorako. Guk mementoz tinko eutsi behar diogu geure loturari aragoiarrak nagusitu arte. Egitasmo horrekin topa egin zuten hiru handikiek: Nikolas abeltzainak, Battitta merkatariak eta Fortun, ibarreko arotzik famatuenak. Ofizio horietaz gain edozein jaki, arma edo dena delakoarekin kontrabandoa egiteko prest zeuden eta horrek ematen zizkien mozkinik oparoenak. Ziur zeuden plan horrekin garaipenera iritsiko zirela aurki. Baina gazteluan erabakiak uste baino azkarrago hartzen ari ziren, arrapaladan nolabait esateko, ongi neurtuak, hala ere. Antso kapitainak bertan sartu zenetik, bere egitasmo eta agindu gehienak azaldu zizkion Lope nekatuari. Honen erabakia bere familiarekin Erriberrira erretiratzea izan zen, Erronkariko negu bortitzak geroz eta jasanezinagoak egiten baitzitzaizkien. Erabaki horrekin batera, herriko azpisugeen izenak bota zituen mahai gainera: Nikolas, denen burua, eta segidan Battitta merkataria eta Fortun arotza. Banan-banan joan ziren Antsoren zaldunak traidoreen etxeetara. Gau hori gazteluko kartzelan elkarrekin pasatu zuten, oihuka, kexuka, irainka, erreguka, akituta, damutu nahian, nolabaiteko konponketak bilatzen, eroskeriak eskainiz azken aukera bezala, etsipenak jota, zigorraren zain, finean. Lehenbailehen eskaini nahi zizkion herriari ekintzak, ez asmoak, eta horretarako erabakiak hartu behar ziren, eta hartzen ari zen Antso, alkaide berria. Almadiariak eta enarak iristerako hainbat gauza aldatuko zituen, herriaren jarrera ikusteko. Atxilotuen ondasunak lau zatitan baloratu ondoren, laurden bat familiari eskaintzen zitzaion, nahi bazuen alde edo bertan geldi zedin. Beste laurdena herriarentzat, herriak ustia zezan izendatutako morroi baten bidez, eta beste bi laurdenak gaztelurako. Battitta merkatariaren kasuan, familiarik ez zuenez, Zangozako notario batzuen bidez bere jabegoen arrastoa jarraituko zioten ahal bezainbeste eta haien lana deskontatu ondoren, erdibana, gaztelu zein herriarentzat. Erabaki hauek oihartzun zabala eta bat-batekoa izan zuten herritarren artean eta oso gustura hartu zituzten alkaide berriaren ekintzak. Beren azalpenak eman ondoren, zaldun bat eta lau soldadurekin, katez lotuta Zangozako kartzelara eraman zituzten atxilotuak epaiketaren zain. Dena den epaiketa erabakia zegoen Burgitik atera aurretik: Nafarroaren etsaiak, kontrabandistak eta almadiarien negozioaren, hau da, erret-aginduaren aurkakoak, ziren leporatutakoak, besteak beste. Haien hezurrak kartzela batean edo bestean zurituko ziren, beraien plan bikaina, aragoiarren garaipenarena alegia, hil baino lehen burutuko zenaren esperoan. *** Almadiariak itzuli ziren zaldiz, aurrekoan bezala, haien koadrilako bi Zangozan zain baitzeuzkaten beharrezko zaldi guztiekin, eta gertatutako guztiaren berri freskoekin. Ximeno harrituta zegoen, notizia onak uste baino azkarrago gertatzen ari ziren eta. Buru, Olibako arotz armagileak emandako opari guztiekin gehi kontratu berri bat besapean pozak zoratzen itzuli zen bere koadrilarekin Burgira. Martinek eta Joxe zaurituak, bazekiten bi enara preziatu iritsi berriak zirela Mauletik eta irrikatan zeuden haiek ikusi eta gertatutakoak kontatzeko eta ahal balitz, agian harremanetan serioski hasteko. Orain bazuten ofizio duin eta on bat urtebete baten bueltan, agian, etxe bat izateko adina emango ziena. Almadiarien bigarren etorrera ez zen mailakatua izan aurrekoa bezala eta hori zela edota beste berri onak zirela medio, alaitasuna eta festa giroa ez zen hainbestekoa izan. Agian burgiarrak, ohiko gertakizun bezala ikusten hasi ziren almadiarien joan-etorriak. Ez zuten horregatik gaizki hartu herritarren harrera xumeagoa eta beraiek ere orain bai, gose ziren, berrien jakin-minez: Etorri al ziren enara guztiak? Zer gertatu zen atxiloketekin? Zer esaten edo egiten ari zen alkaide berria, Antso laguna? Lehen egunean, Ximenok eta Antsok almadiarien eta soldaduen buru zirenek hurrenek hurren, ez zuten elkarren berri izan. Ximenok ohiko zereginak lotuta utzi nahi zituen hurrengo bidaiarako eta mandazain zein aizkolariekin egon nahi zuen aurrena, dirua eman eta lanak kontrolatzeko. Lau egun barru, gutxi gora behera, eskaera garrantzitsu bat zuen Tafallako jauregi baterako. Benito arotza benetan lan ikusgarria egiten ari zen Erronkariko ibarrarentzat eta zaila izango zen emandako guztia itzultzea. Gizon aparta benetan! Burgiko almadiarien ospea Erronkarin barrena barreiatzen hasi zen eta noizean behin beste herrietako bisitariak zetozen koadrilaren lana ikusteko eta galderak egiteko, noski. Erronkariko beste herriak ere interesa jartzen hasiak ziren negozio berrian, nabarmena zen. Erriberriko arotzaren bidez lortutako eskaera selektiboei esker, ziurtatuta zeukaten ospea Burgiko almadiariek eta garbi zegoen enkargu horiek beste batzuen ateak irekiko zizkietela aurrerantzean, baina...., kezka bat zegoen oraindik Ximenoren buruan. Ezin zuten jarraitu arrisku maila horrekin, edozein bidaia garestiegia atera zitekeen maila pertsonalean eta almadiariren batek ibaian buka zezakeen hilda. Horretaz hitz egin behar zuen lehenbailehen Antsorekin. Arrisku hori saihestu behar zuten hurrengo bidaiari heldu aurretik. Iritsi zen Ximeno gaztelura, Antsorekin eskatutako elkarrizketa burutzeko asmoz. Gaztelua inoiz baino beteago zegoen hainbeste soldadu, zaldi, arma eta abarrekin. Ezohizko aktibitatea zegoen bertan, espazio txiki hura ahalik eta antolatuena izateko. Soldadu batzuk harresietan guardia egiten besteak ezpatak zorrozten, batzuk zaldiak ferratzen, eta hiru zaldun dotore, Loperen gela nagusia izan zenaren aurrean. – Gabon, Ximeno almadiaria naiz. Antsorekin hitz egitera nator. – Aurrera, jauna, zure zain daukazu. Eskerrak eman zizkien Erriberritik etorritako zaldun galantei. Gaztelu eta ibar hartan arraroa egiten zitzaion halako Erret-ukitua ikustea, tokiz kanpokoa hor nonbait. Ez zeuden ohituta halako moldetara. Atean kosk egin zuen eta ahots batek erantzun zion barrutik: – Bai, sartu, sartu barrura. – Kaixo, Antso. Ongi etorri Erronkarira. Zer moduz sentitzen zara gure harkaitzen artean? – Zuk uste baino hobeto Ximeno, zuk uste baino hobeto. Badakizu beti izan dudala gustuko ibar hau. Erriberriko dotoreziak eta itxurakeriak aspertu egiten ninduten. – Beno ba, azkenean hemen zaude benetako jende adoretsu, zarpail eta langilearen artean. Antsok sumatu zuen Ximenoren ziria baina bazekien ez zetorrela txarrean. Gustukoa zuen berak erronkariarrek zuten ironia puntu hura. – Usain lartxo agian nire sudur finarentzat, baina tira! Ohituko naiz, zeren luzaz gelditzeko asmoz etorri bainaiz. Baina ea! Uste dut biok badugula une honetan auzi bera buruan eta azkar erabaki behar dena, ez da hala? – Ez nekien halako trebezia zenuenik besteren egitasmoak antzematerakoan, baina aitortu beharko dut uste baino azkarragoa zarela. Kar, kar, kar. Entzun dut zirt eta zart hartu dituzula erabakiak hainbat handikien aurka. Ni eskatzera natorrena badakizu zer den: gure almadia eta almadiarien segurtasuna bermatzea nahi dut. Dagoeneko izan dugu zauritu bat eta eragotzi behar ditugu halako gertaerak, kosta ahala kosta. Antso mahaitik altxatu eta paperen artean hasi zen bilatzen, nahi zuena aurkitu arte. Mahai gainean zeremoniatsu jarri zuen eta Ximenoren begietara so eginez zera esan zion: – Uste dut paper honetan daukagula zure eskaeraren konponbidea, Salbaterrako nagusiak onartzen badu noski. Nire asmoa zera da: bihar bertan Salbaterrara hurbiltzea gu biok eta bi zaldun gehiago, bertako alkaideari proposamen honen berri emateko. Berak segur aski ezin izango digu erabateko baimena eman, baina gutxienez dena adosten den bitartean, erasoak ekiditea lortu behar dugu. – Nik neuk ez nuke hobeto azalduko. Ikusten dut benetakoa dela Erregeren asmoa ibarra berpizteko. Ez dut ezer gehiago esateko Antso, dena azaldu baituzu. – Baduzu enkargu berririk, Ximeno? – Bai, lau egun barru Tafallako jauregirako. – Beno, ba, egin ditzagun egitekoak eta aurrerago izango dugu lasaiago hitz egiteko astirik, ez duzu uste? – Bai, ados, bihar jarraituko dugu. Ah, ahaztu baino lehen Olibako arotzaren opari bi. Ziur nago interesatuko zaizkizula: Balezta zoragarria eta gerla-makinen plano harrigarriak berak eginak. – Utz itzazu hor, Ximeno. Begiratuko ditugu lasaiago beste egun batean, ondo baderitzozu. – Hala bedi! Bihar arte berriro ere! – Bihar arte, bai. Elkarrizketa uste baino hotzago joan zen. “Oso formala” pentsatu zuen Ximenok, baina asko eskertzen zion Antsori, egindako ahaleginak eta almadiariekiko erakutsitako interesa. Nekatua zirudien kapitainak, seguruenez hartutako zama eta erabakiengatik eta hori izango zen ziur elkarrizketaren izaeraren zergatia. Hurrengo goizean, hiru zaldunek Ximenorekin batera Burgiko arroilaren bidea hartu zuten Ezka ibaiari jarraiki, Salbaterrarantz, zeremoniatsu, Nafarroako zutoihala eskuan, zaldunen jantzirik dotoreenak soinetan, nafar erresumaren gudarien eta herritarren harrotasuna bihotzetan eta edonoren aurrean bere askatasuna defendatzeko gogoa agerian. Burgiko arroilan haizeak gogor astintzen zituen bazterrak, zuhaitzak, hostoak, eta ibaiaren azala altxatzen zuen tarteka, harkaitz sendoak zipriztinduz. Enarek lasterketa zoroetan ziztu bizian zeharkatzen zuten arroka erraldoiek mugatzen zuten espazio meharra eta saiek, gorago, askoz gorago, bere hegal zabalekin, haize korronteak profitatuz, arroila osoa eta askoz haratagoko lurrak behatzen zituzten harrapakin ustelen bila. Aragoiko erresuman zeuden jada eta zaldun batek zapi txuri bat ezarri zion bere lantzari, bakean zetozenaren seinale. Aurki ikusi zituzten Salbaterrako herri malkartsuaren aldapatik beraiengana hurbilduz zaldunek utzitako hauts zirimolak dantzan. Begi-bistan zeudenean zaldun bana hurbildu zen talde bakoitzetik erdibidera, azalpenak eman eta entzutera. Berriro taldera itzuli ondoren, nafarrak aragoiarren atzetik jarri eta Salbaterrarantz abiatu ziren. Alkaidearen etxean sartu ziren Antso, Ximeno eta aragoiarren kapitaina beste bi soldadurekin, nafarrek armak atean utzi ondoren. Azaldu zioten alde batetik, nola nabatari hetxotarrek zeharkatzen zituzten Nafarroako urak inongo oztopo militarrik gabe, gauza bera eskatzen zutela kasu honetan, almadiari nafarrek. Bestetik, Ximenok azaldu zion alkaide aragoiarrari lehia hauek beti konpondu ohi direla zergak, bide-zorrak, ordainduz eta bere ustez hori zela biderik zuzenena. Erabakitzear zegoena beraz usadioari jarraituz, zera zen: non eta zenbat ordaindu. Alkaideak onartu zituen bi proposamenak, egia baitzen nabatariek ez zutela inongo oztopo militarrik izan eta dena konpon zitekeela bide-zorrak ezarriz almadiariei. Gainera, bere kalkuluen arabera, lehenago Hetxon eta Ansoko ibarretan gertatu bezala negozio honekin, jakin bazekien tirabira dezente sortuko zirela Erronkarin ere, almadiarien negozioaren kontrola eskuratzeko. Horrela nafarren arteko lehia sortu, eta haien arteko kontraesanak sakonduko ziren. Ezezkoa ematen bazuen, etsaia ibarretik kanpo bilatuko zuten, baina baiezkoarekin lehia ibarrean bertan geldituko zen, Erronkarin. – Bai, ongi deritzot esaten diozuenari, arrazoia duzue. Orain arte, jakin dudanagatik, gertatutako erasoak gaizki ulertze bat besterik ez dira izan; bi aldetatik, noski, eta aurrerantzean nire ustez gainditu beharko ditugu denon mesederako, bestela zuek ere gauza bera egin dezakezue Zangozan, ezta? – Bai, ongi diozu. Gauza bera egin dezakegu Zangozan, eta egingo dugu, ukatzen bazaigu Aragoiko erresuman segurtasunik gabe sartzea. – Tira, tira, ba kontrolatzeko zuen almadiarien garraioa, gauza bat egin dezakegu, ongi baderitzozue: Burgiko arroilatik ateratzen zareten bakoitzean, adar batekin abisua emango duzue eta nire gizon batzuk herria pasa ostean dagoen bihurgune batean egongo dira, zuen enborrak zenbatzeko prest. Gero erabakiko dugu zenbat ordaindu, ohiko zergak mantenduz. Ongi deritzozue? Ximenok eta Antsok elkarri begiratu zioten harrituta alkaidearen jarrera eta azken erantzunagatik eta baietza eman zuten. – Ados, zuzena iruditzen zait prozedura. Aurrerago izango dugu zergaren inguruan hitz egiteko beta, ezta? – Bai. Nik nire kontsultak egingo ditut eta adostuko dugu guztia. Ziur nago! Tira, bakean bizi diren bi erresumek ez dituzte ozpindu behar bere harremanak halako auzi batekin, ezta? – Oso abegikorra eta burutsua iruditzen zait zure jarrera eta horrela utziko dugu akordioa zure gorteko nagusiekin hitz egiten duzun bitartean. Hemen duzu gure erret-agiria eta hemen nire eskua. Eta eskularru gotorra kenduz Antsok alkaidearena estutu zuen. Gauza bera egin zuen Ximenok ere. Aragoiar bele beltzak apustu egin zuen, berak ere, burgiarrek bezala, almadiaren negozioaren alde, baina ez nafarren mesederako, haienarteko lehiarako baizik. Ondo aterako zitzaion apustua? Nafarrek atzera egin zuten berriz etorritako bidetik baina poza baino, nahasmena zuten beraien buruetan eta ez zuten oraindik ulertzen alkaidearen harrera ona, oztoporik gabekoa, haren amarrua. – Ibai ezezagunak ez dira horrela izaten, hain leunak, hain errazak. Nonbait izan behar du segada prestatua ibai honek, nonbait harkaitz bat esperoan. – Bai, Ximeno, leku ezezagunetako gudaldiak inoiz ere ez dira izaten hain azkarrak, hain nabarmenak hasieratik, garailea nor den ia borroka hasi aurretik hain garbi antzemateko. Zuk eutsi egiozu orain arte bezala zure lemari eta nik eutsiko diot nire ezpatari, erronkariarrek eutsiko dioten bezala Nafarroaren aldeko leialtasunari. – Gora Ezka! Gora Erronkari! Gora Nafarroa! –oihukatu zuten lau zaldunek ozenki, behin eta berriro, Burgiko arroila helburu, nafar lurretarantz, laukoan bere zaldietan, hauts zirimolak zutoihalaren atzean uzten zituzten bitartean. BIBLIOGRAFIA — Burgui, un pueblo con historia. Felix Sanz Zabalza. Newbook ediciones. — Erronkariko uskara. Estornés Lasa Hnos. Editorial Auñamendi. — Almadías y almadieros (aldizkaria). Juan Cruz Labeaga Mendiola. — www.almadiasdenavarra.com. Burgiko web orria almadiari munduari lotua. — Interneteko informazio anitza gai honetaz. Oharrak [←1] Nabata: Aragoiarrek zuraren garraioa burutzeko erabilitako ontzia. Beraiek izan ziren lehenak erdialdeko Pirinioetan teknika hau erabiltzen. [←2] Enaren ibilbidea: Lizentzia historikoa erabili dut, zeren berez, Erronkari eta Aragoiko neskek egiten zuten ibilbide hau, Maulera espartinak egitera, XIX. mendeko hirugarren hamarkadan gertatu baitzen.
booktegi.eus http://www.susa-literatura.eus/ LEIRE BILBAO Ezkatak Alferrikakoa da poema. Badakizu. Gaur inor ez da ezinezkora dedikatzen. Jean-Michel Maupoix Ez diren gauzak ere badira. Bizitza, ez diren gauzez ere osatzen delako. Joseba Sarrionaindia Hitzaurrea Idazle berri, gazte, ustez berde baten estreinako liburuari kritika bat idaztea ez da inolaz ere gauza samurra. Are zerorri kritikari berri, gazte, orain zalantzarik gabe berde bat zarenean. Adinak, edo adin ezak ematen duen harrotasunarekin, halakoak esatera ausartu nintzen Leire Bilbaok Ezkatak poema bilduma argitaratu zuenean 2006an: "hasierako usteari kontra eginez, liburuko poemok beste zerbaitez hitz egiten digute: gizakien ezkatei buruz, pertsonen azalari eta larruari eta esperientziei buruz, gizabanakoen arteko gorabeherei buruz". Ausartu nintzen esatera: "irakurri ohi dizkiot Berria egunkarian idazten dituen zutabeak eta ez nuen imajinatuko testu horien eta poema hauen arteko amildegia hain nabarmena izango zenik". Esan nuen halaber: "lehen eta bigarren pertsona gramatikalaren arteko elkarrizketa moduko bat dago poemotan. Norbera nor den asmatzen saiatzeko bilaketak eta lehen pertsonan idatzitako testigantzak"; baina "hirugarren pertsonaren presentzia nabarmendu egiten da liburuko zenbait pasartetan. Hirugarren kapituluan, batez ere". Eta liburukoak zirela "hizkuntzaren legeak haustera ere jolasten diren poemak", "emakumetasunaz mintzo direnak", "nolabaiteko kresala usaina gogora ekartzen dizkigutenak". Akitzeko esanez buia bat itsasoaren erdian begitandu zitzaidala Leire Bilbaoren estreinako lana, "ur gainean hondora egin gabe mantentzen den olerki liburua iruditu zaidalako, olatuen joan-etorriei duin eusten dien buia poetikoa". Adina, edo adin eza izan zen, barkatuko didazue. Hori bai: hamaika, literalki hamaika urteren buruan, Ezkatak poema bildumaz hartu dudan inpresioa ez da orduko hartakoarengandik sobera diferentea. 2006ko kritika modu hark bazuen zera larrigarri bat gainera, idazle berri, gazte, ustez berde baten estreinako liburuari egindako estreinako kritika zela. Eta horrelakoak ez dira erraz ahazten, auskalo barkatzen. Eskerrak gero denborarekin editore digital ausart batek ematen dizun erredentziorako aukera, hitzaurre forman. Eta zu ausartzen zara esatera, tira, poemok badutela halako gorpuztasun bat, arrazoi hutsetik baino, gorputzetik hitz egiten dutela, gorputzak zeharkatzen dituela uneoro. "Egunero" poeman irakur daitekeen bezala, arrazoi hutsik ezean, hutsaren arrazoia hobesten dutela, ezinarena, zergatik ez gorputzarena. Gorputza, ezina, hutsa, azken batean galerak, eta horientzako guztientzako galderak. Amu galderak. Etengabe hizkuntzarekin jolasean dabiltza, ahozko inprobisatzaileek egiten duten gisara, "irunean iraun", "amaraunaren amarruan", hizkera bera bortxatzeraino: "ez naukat", "ez zauzkazu". "Ahal bagenitu aditz berriak sortu, denbora berri baterako". Behar du beste modu bat izan, hori seguru. Hasieran poema gehienak elkarrizketa itxurako bakarrizketak dira, ni poetikoaren eta bigarren pertsona baten artekoak. Baina hirugarren pertsona agertzen hasten da pixkanaka, pertsonaiaren bat tarteka. Barnetik kanporako bidaia baten moduan garamatzate, narraziorantz. Emakumetasuna inongo momentutan bazter utzi gabe, kontrara, zentralitatea hartuz: "naizena: emakume bat odoletan". "Badira" anaforiko batekin hasten da poema bilduma, "Badirudi" anaforiko batekin bukatzeko. Ziurtasunetik, zalantza moduko batera eramaten gaitu poetak. "Badira" autoafirmatibo batetik, oihartzun orokorragoa duen "Badirudi" batera. Guztia zera konfirmatzeko: Leire Bilbao idazle berria zela, gaztea ere bai, baina gutxi zuela berdetik. Aritz Galarraga BURUA KENTZEN Badira emakume azalak ezkata usaina baino itsaskorragoak Badira barrua nola hustu jakiteke urdailera zuzenean doazen esku emeak Badira amantalean batzen diren odolak Badira senarraren begirada duten arrainak Badira arnasestuz erauzten diren zakatzak Badira olatuen dardara duten gorputzak Badira maitale desleialarekin bezala itsasoarekin oheratzen direnak Badira arrainei beraiena bailitz burua kentzen dieten emakumeak —1— EGUNERO Zu bezala neu ere egunero desegiten naiz kaletiarren hondarrezko begiradak lez bihurgune bakoitzeko. Ez hasi jausitako zatiak biltzen, beirontziaren eitea besterik ez dute hartuko. Ez hasi atzera burua jiratzen zomorroak farolera lez, orduak ezin inguraturik nabil. Zu bezala neu ere egunero desegiten naizelako garbitzen diot aurpegia goizari. Oraindik ez dut kenketak egiten ikasi, ikarak ikaratzen nau. ...hutsaren arrazoia hobesten dut arrazoi hutsik ezean... neu ere zu bezala desegiten naizenero. INBOLUZIOA Nola ezagutu naiteke gaur atzo ezezagutu nintzena? Fernando Pessoa Tok-tok neu naiz azalari buelta eman eta neure zainetara sartu nahi duena Tok-tok zabal zaitezte zainok neure odoletan igeri egin birikak eta bularrak iruntzitara ikusi eta arnasestuan dabilen gerezi bihotza ahora dezadan Tok-tok neu naiz ehundutako azalaz erantzi eta neurez busti nahi duena umetokian kuzkurtuta lokartu nahi duena neure barne hormak laztandu nahi dituena ikusmira nadin oinetatik kopetaraino Tok-tok neu naiz begiak estali eta mihia irentsi eta burezurra eskuetan hartu nahi duena Tok-tok neu naiz utzidazu nigan sartzen ezagutarazi nadin besterik ez dut nahi EGONARRIA Ez eskatu ispiluak bezain leiala izan nadin ezin bazara ikusi zure aurrean, ezin badidazu barrura so egin zabalik etsi den leiho batetik bezala. Ez naiz sugelandarea arrakala artean, nagoen lekuan irauten erakutsi didate. Egonarriz eramaten ditut egunak, aitak emandako etxeari eutsiz etsi naiz oharkabean. Ez dakit bestearen minaz nireaz ez bada. Ikusten dudan bezala diotsut, ez eskatu ispiluak bezain leiala izan nadin, ez naiz mugituko hatsak agintzen didan heinean. Nagoen lekuan irauten erakutsi didate. BUIA BI Buia bi dira zure kresal begiak itsasoaren erdian lur ertzari so AZUKRE TTANTTA Azukre ttantta bat mingainean besterik ez dizut eskatzen, ez nadin jan ispiluak bezala ertzetatik ikusi zutenaz gozatu barik. Azukre ttantta bat mingainean lurmendu dakidan elurra haragian, ez nadin hautsi behelaino izoztua bezala zoruan mila zatitan. Azukre ttantta bat mingainean euria gozo miazka dezadan. Goza nadin, goza zaitzadan. EDER NERITZUN Jende errepikatu larregi dago esaten zenidan. Farolak, teilatuak eta eskailerak bezala jende errepikatu larregi... Hiltzeko baino nekatuago dagoen zakurraren antzera oinez doazenak, ikusezin bihurtzeraino ez ikusia egiten dutenak. Jende errepikatu larregi. Begiratzeko astia hartu behar da esaten zenidan, elkar begiratzeko astia. Eder neritzun horrek, zenbat arrazoi zenuen. KLISKADAK Herentzian jaso ditudan oinokin ibili gura zintuzket ez bazaizkit urruti joaten ez badidazu pausoa lapurtzen hurreratzen naizenero Herentzian jaso ditudan eskuokin haztakatu nahi zintuzket dunak sortu zure azalean oasiak bilatu zure lehorrean Herentzian jaso ditudan begiokin ez dut zure iragana ikusten geroa irakurri nahi nizuke ninietan baina hodeituak dituzu gautzen doaz kliskada bakoitzeko Herentzian jaso ditudan herentzia guztiokin nire begietan itxuraldatzen zara zure begietako hodeien antzera ARRAINAK Zure esku ahurreko errekan igerian aritu nintzen behin, zure esku ahurreko arrainak bezala ur azalean lotan zeundela izan zen. Amu galderekin harrapatu nahi izan nituen erreka azaleko arrainok, itaun egin nien zure marinel garaiez, baina ez zidaten ezkata laztanik egin nahi izan, ihes egin zidaten zure kresal begiek bezala. Zure esku ahurreko urpean birikak estutu zitzaizkidanean baino ez nintzen konturatu meandro gehiegi dauzkala egiak itsasoa deritzon ohe kulunkari horretara ailegatu aurretik. ARGI ILUNAK Ez dakit ilun argitu dizudan edo argiegi ilundu, gauaren irribarre beltzean sartu garelako isiltasunaren isil hotsa entzuten denean zure irribarrearen gau beltzean. Ez dakit ilun argitu dizudan edo argiegi ilundu, nahi ezinak diren gauzen ezin nahia duzulako, eguzkia laranja heldugabe hori agertu delako zure egunsentietan. Ez dakit ilun argitu dizudan edo argiegi ilundu, galdutako gauzen itzuleran egon arren bizimina dakarren minbizia bezala poztu didazulako goiza, goiztu didazulako poza. Ez dakit ilun argitu didazun edo argiegi ilundu, egia gehiegi dituelako argiak ilun. EZER BARIK Ez daukat ezer, ez naukat Ez daukazu ezer, ez zauzkazu Hartu ahal nauzu, har zaitzaket Ezer barik jarrai dezagun EULIAK Erruduntasunaren zingiran ito nituen irritsez busti gura dut lepoa, debekatutako laztanekin. Pausa daitezela haragian euli odolzaleak, bizirik senti nadin eta goza dezadan kontzientziaren ziztada lizunaz. Erruduntasunaren zingiretan ito nituen irritsez busti gura dut, azal azpiko damuaren zama kanporatu, nire haragia agerian utzi. Ez daitezen euliak izan zure odola nirera ekartzeaz arduratuko diren bakarrak. URA ITURRIAN BEHERA Bizi garen alde honetan erloju-orratzen aldera biratzen joaten da ura iturrian behera. Bizi zaren alde horretan beste aldera. Horregatik azken tantak erortzen utzi aurretik itxi nahi izan dut iturria, ez gaitezen bakoitza bere aldera jiratzen joan. Ontziak harraskan geratu dira eta gaur ez didazu oheratu aurretik baso bete ur ekarri. Iturri bat zabalik entzuten dudanero esan, erantzuten diot. LOAREN AIHENA Loaren erresumina daukat eta hego haizea izterren artetik putz egiten neu osorik isuri nahi banindu legez. Aihenak ez itxaroteko esaten dit, udare helduak bezala eroriko garela... ez ditugula usteak baino irabaziko bien bitartean. Bien bitartean, loaren erresumina daukat eta hego haizea izterren artetik putz egiten. Ez dut alferrik gainez egingo. Arriskatzen duguna balio dugu, askoz gehiago ez. Askoz gehiago ez eta hego haizea. Euskarri baten bila nabil bion bitartean. ORRATZAREN ZULOA Ez nazazu orratzaren zulotik beha haria noiz hautsiko, ez naiz oraindik nirekin ohitu udako zaparradekin bezala. Esku korapilatu bat luzatuko dizut, ileen antzera erortzen diren galderak. Ez eskatu zorrak maitatzeko, ez daukat ama bihotzik. Ez alferrik orratzaren zulotik beha haria noiz hautsiko. Atzeratuta nekartzan beldurrak batu zaizkit, besterik ez. Aulki utzi berriaren beroa oparitu ahal dizut, otzara bete berba. Ez eskatu matazak askatzeko, ez daukat ama bihotzik. Ez nazazu orratzaren zulotik beha birikak noiz josiko. Ez nuke nitaz ohitu nahi. BETAZALAK Arima batzuetan izaten da. Inork ez dauka etenik gabe eta betirako. Wislawa Szymborska Zabaldu dituzu begiak, itzartu berri denaren usaina daukazu, lo egin duenaren zaporea. Zarratu dituzu begiak, gezurrak jauzika ari zaizkizu betazaletan, eta nik denak sinetsi nahi. Zarratu dituzu begiak, isiltzen denaren betazaletan irakurtzen ahal delako gordekoa, nola hilotzei begiak zarratzen dizkiegunean hildakoen betazaletan irakurtzen ahal den esateko zutena, esan gabe laga dutena. Lo egin duenaren usaina daukazu, itzartu berri denaren zaporea, jaioberri bat dirudizu. Gezurrak sinetsi gura dizkizut, ume batek egia zaharrak deskubritzen dituen moduan. GALTZAILEAREN ARRAZOIA Galtzen ari nauzu, oldoztu didazu. Gal zaitzakedala dakidalako ez zaitut galdu nahi, ez zaitzakedala galdu ustez gero galdua zintuzket. Galtzen ari nauzu, oldoztu didazu, zure galeretan galduko ez banintz bezala. Biok galdu dugu arrazoia, eta arrazoi galdu bat da geratu zaiguna. EURITAN Autobuseko kristalean utziko dizut mezu umel bat atertutakoan irakur dezazun ZAILTASUN SINPLE BAT Begiak ikusten ditut, barruko gauzei kanpotik begira. John Berger Bizitza zailtasun sinple bat baino ez da zure begien zulora erori nintzenetik, eta ez dakit nola irentsi gerezi malko hauek zure ninietan itzulinguruka nabilen artean. Talaia honetatik zer dakusazun ezberdin jakin nahi nuen, nitaz aparte zer dabilen zure begi zuloetan munduaren antzera jiraka. Kliskada batean irten nintekeen betileon urjauzitik, baina gatibu hartuta ninduzun betazal itxietan. Horregatik dakit ez nauzula gehiago naizen bezala ikusiko. Alfonbra azpian ezkutatu ditut galderak eta buelta eman diot giltzari munduak bere buruari ematen dion bitartean. —2— EZINEN OREKAN Hazten joan diren minekin hazi gara, harri gaineko lo beroarekin, ezinen orekan. Ezinekin jostatzea ez da ezin jostatzea. Lekuz aldatzeko ez bada ez hartu harria esku artean. Urrunera jaurtitzeko ez bada ez erauzi sortu zen lurretik. Zinez diotsut, ezinez izan gara. Edonora goazela ere usain bera daramagu azal azpian. Lur heze usaina, amaren usaina bezala, edonora goazela ere azalaren azpian. Ez da erraz ezabatuko. Nork ez du gorrotatu inoiz gehien maitatu duena. Nork ez du gorrotatu inoiz azal azpiko lur heze usaina. Hazten joan diren minekin hazi gara, harri gaineko lo beroarekin, ezinen orekan. GORPUTZAREN HONDARRAK Erortzen doa azala jausten denean bezala hondartzak betetzen diren moduan aleka, jausitako zatiak direlako hondartzak itzalen antzekoak hareazko gorputzen isla. Gorputzak, eroritako aleak batzen dituzten hondartzak, harez hare batu direnak azalez azal. Horrela batzen baitira eroritako gorputzak bata bestearekin erortzean, elkarren hondarretan nahasten direnean. Eta bien bitartean erortzen doa azala jausten den moduan gorputzaren hondarrak batzen dituen bere itzala. ILARGIZKO BULARRAK Heldutako sagar bi odolez puzturik zuhaitzetik erori ez erori. Heldutako sagar bat adarrean zintzilik ilargi uher hori. Ilgoran askatu egiten da nire bularren ekialdetik, gazitzen barne urak, urdintzen zainetako errekak, berriro nire mendebaldean itsasoratu eta zilbor hestea zulatzeko. Ilgoran, borobil osoan, beti dago ilargiari kosk egin gura dion norbait, haginkada txikiz urrituko lukeena, horzkada bakoitzarekin sagar bularrak odolustu eta ilbehera abiarazteko. ODOLETAN 1 «Odoletan nago» zikindu dut atzamarrekin ispiluan. Odoletan nago baina ez naiz emeago sentitzen. Kalez beterik daude usainak, kea ari du harripetik. Sutu egin dira teilatuak, masail gorritu bat da zerua albotik pasatzean, orratzetatik tantaka ari dira segundo odolkarak, lotsaturik erori dira hostoak ukitu orduko. Odoletan dago oinez naraman lurra ere, sortu zuen sabeletik isuriz doa barrunbeek onartu nahi ez didaten jarioa. Eta ez dakit zergatik ukatu behar dudan naizena: emakume bat odoletan. GAUR Hau gaur da begiak gehiago zabaldu arren ikusiko ez duzuna Hori ni naiz eskua luzatu arren sentitzen ez duzuna ODOLETAN 2 Odolez zikindu ditut atzamar puntak eta ahora eraman zalantzati. Nire gorputzak nahi ez duen odol honek ez du zapore mikatzik. Min egiten didate titiburuek ezpain eske baleude bezala. Ez ditut zureak gura, ez ditut inorenak gura, niretzat ondo gordeak dauzkat. Taupadaka daukat barrua, erantzun eske, eta esku bat pausatu dut bularrean. Galdetu didazu zergatik batzuetan zuri baino hobeto ulertzen diodan lehoi eme bati. Orain badakizu bularrak taupadaka ditudanean zergatik ez dizkizudan uzten ukitzeko, zergatik gordetzen ditudan neuretzako. EMASABELA Emasabel guztiak ez dira haurrez husten, ez dira bizitzarekin bakarrik puzten. Neurea odolez husten da, uzten bada. Umetu gura nuke, bizi mina sumatu, erdibitu barik erditu, hats epela ahozulotik putz egiten sentitu. Odolez husten naiz, uzten banaiz errekasto bat taupadaka bezala. Ekarrizu esku bat eta sentitu nire sabeleko harriak odoletan, kazkabarra bezala ostikoka, bizirik nagoela esaten. GERUZA AZPIAN Min egiten dio ederrak, beldur dio lor dezakeena galtzeari. Azal azpian estali ditu ezinak. Ez ditu eskuak zabalduko hodei tarratak hartzeko ez-lekuetatik erortzean. Desagertzen utziko ditu lur azpian lurrak irents ditzan, bere ehunka geruzak zeharka ditzaten ezinezko hodei zatiok. Mintzeari beldur dionetik hautsiak ditu barne mintzak. Azala laztu eta harri oskolez estali zen, ezerk arraildu ez zezan, bere osoan irauli ez zedin. Harik eta berriro ezinak azaleratu zaizkion arte. UR HANDIAK Aita ur handietan zegoela apurtu zituen amak urak. Horregatik mareen arabera hurreratzen gara eguzkipean lehorrera. Aita ur handitan zegoela egin nuen lehen aldiz negar aitagatik, amagatik. Horregatik mareen arabera hurreratzen naiz ur hautsietara. BEHAR DU Behar du beste modu bat izan salmahaietako arropa bezala ez amaitzeko, azala erortzen uzteko gogoak ematen duenean. Behar du beste modu bat izan erantzunak irribarre huts ez izateko, betileak biluzten uzteko gorputzak astintzen duenean. Behar du beste modu bat izan formak hautsiz mantentzeko, eskua sendo oratzeko bidea norberaganantz denean. Behar du beste modu bat izan aieru hutsez ez jokatzeko, aske lotzeko, emantzat emandakoa desemateko. Behar du beste modu bat izan. Beste modu bat. Beste bat. INURRI GOSEA Eman dezagun arrastia jausi zaiola sorbaldara eta oraindik ez dizkiotela egunonak eman, balkoira hurreratzen dela eskudelak eusten dion bitartean. Eman dezagun jendea dagoela behean, inurri zelai bat, eta berak ere inurri begiekin begiratzen diela geldi, hodei beltzak ez bezala. Eman dezagun ez dela domeka, ez duela euria ari edo ari duela, behera begiratzen duela berriz eskudelari gero eta lotuago. Eman dezagun hasperen egiten duela begiak igurtzarazten dizkiola eguneko lehen asperdurak, kalean doan inurritzari begira bat-batean ohartu dela gose dauzkala sabeleko inurriak. Eman dezagun gaur ez duela irentsi bere burua irensteko desioak. BEGIRADAK Zeharkatu nauten begiradetatik bati, bati baino ez, galdegin gura nioke ezer aurkitu al duen nire hezurren barruan, trabatu erantzunik eztarriaren bihurgunean, kateatu maitasunik saihetsen izkina batean, bahitu umezurtzik sabelean, ba al dudan ahantzitako hasperenik biriketan, ase gabeko irrikarik gibelean, goroldiorik zainetan, oztoporik gabe zeharkatu nauen, kausitu al duen bere burua nire odolean, atsedenik hartuko lukeen nire haragian. Zeharkatu nauten milaka begiradetatik bati, bati baino ez, galdegin gura nioke utziko al didan bera zeharkatzen. KOLOREZ Ilunabar kolorez margotzen ditu behatzak neguan eta ez du argirik amatatzen lotarako. Haizeak biluz dezan lagatzen da lur arrearekin berdintzeko. Kolorezko eta kolore gabeko jendearekin partekatzen du mundua, ez du malkorik alferrik isurtzen kolorez ez husteko, haizeak biluz dezanean ikusteko. Behatzak ilunabarrez margotzen ditu neguan, belar kolorez udagoienean, eta ez du argirik amatatzen lotarako. Begiak ixtean izar zuriak etortzen zaizkio gau ilunera eta haizeak biluz dezan lagatzen da, izararik gabe, lur arrearekin berdintzeko. Behatzak ilunabarrez neguan, belarrez udagoienean, argitan loak hartuta izarrak datozkio begi itxietara. Kolorerik gabe geratzen naizenean utziko dut haizeak jantzi nazan. —3— HORTIK HASI Umeok oharkabean nahita helduok nahi gabe ohartuta bustitzen ditugu mudak. Ahal bagenitu aditz berriak sortu denbora berri baterako mailatutako madariak bezala ez amaitzeko. Hortik hasi behar genuke, ahal balitz litzatekeenetik. Ordea, ez daitekeenetik hasten gara. Ezinaren ederra ederraren ezina baino ederrago bada teilape bakoitzean muda berri bat topatzeko ilusioa behar genuke. Menturaz hortik hasi behar genuke. GEREZIONDOAK LORETAN Bere haur negarra isilarazteko bueltatu nahi duela herrira esan dit, maiatzak ertza jo aurretik gereziondoak loretan ikusteko. Denborarekin kaleak eta iritziak okertzen joan zaizkiola, arnasa ez duela jada utzi zuen lekuan aurkitzen. Bakardadea neguko kaleetan beroki lodi batekin ibiltzea dela, badirela atea zabaltzean inoiz ezer sartzen ez den etxeak, k anpoko hotza ez bada. Egunak hausten zaizkiola eskuetan, hil berriak bezala prestatzen dela gauero, lotsa ematen diola ohean biluzik hiltzeak. Maiatzak ertza jo du, eguzkiak berotu harriak sartu ditu poltsikoan. Bere haur negarra isilarazteko bueltatu nahi duela herrira esan dit. IRENE Bizitza aldatzeaz amesten zuen eta arratsalde batean altzariak lekuz aldatzeaz konformatu zen. Jean-Michel Maulpoix Arropa bustiarekin batera soketan eskegi da ilunabarra. Irenek bere bizitzaz hitz egiten du dagoeneko gertatua balego bezala. Betseinetan beldur pausatua antzematen zaio, eta lokarriekin lotu behar du eguna oinetara ihes egin ez diezaion. Goizari mudak aldatzean leku seguru batean gordeko du atsekabea, kafea erreko zaio kale nekatuei begira. Kazkabarra legez erortzen diren orduetan arrangurak ez dio lekurik kentzen. Ireneri ez dio min egiten inoren minak. Poltsa beteekin bueltatzen da etxera. Bi sagar eta kafea. Telebistarekin igarotzen dituen arratsaldeetan arnasten du inoren nahigabeak ere ez duela asetzen, badela dagoeneko bizitzaz, berak bezala, gertatua balitz bezala hitz egiten duen jendea. HARRIAK HARRIARI Ez naiz kortxeletik harrizko soinekoa erantzita jaitsiko, ez dut oihukatuko hemen naiz, begiak zabalduko dizkizut ondotik pasaeran barrura gonbidatuz. Ordu hotzak dira kalean zure eskuen sabelean hartu nahiko baninduzu, baina ez itxaron nire lotsak agurtzerik, hego haizea harro dabil. Laranja usaina dauka ilunabarrak, hiria ezkonberritan dago sasoi honetan, behegainean oinutsik galtzadarriak haur minetan. Jaurtidazu hitzarri bat gordetzea merezi ez dizuna, ezardazu beroa magalean, higa nazazu haizeak egin aurretik. MUDATZEN Bere umezaroaz erantzi zenetik dago mudatua. Azal geruza bat falta zaiola esaten du berak. Kale bazterren batean utziko zuen kamiseta zaharrak uzten diren lez korapilo bat eginda. Oraindik azkura ematen diote oroiminek, zaurian hazka egitearen plazerarekin askiesten da. Azal geruza bat gutxiago daukala esaten du berak urtaro bakoitzean. Non biluztuko ote da hain azkar. ZAPATAK Egunari mudak aldatu ostean kale nekatuetara joan zaizkit oinak eta urak hartu balu bezala zimurtu da gaua. Zure izeba ikusi dut banketxeko ilaran, inoren zapatak janztea moduan izan da. Ametsek agintzen ziguten lehen, ez amesteko agintzen digute orain. Jakingo banu non sartu zaren, aterkiak bezala zabaltzen zenituen begiokin. Badakizu, nagoen lekuan irauten erakutsi zidaten, baina ez dakit aurkituko nauzun. Esan, ez garela udare helduak bezala eroriko. Esan, gauak ez duela zimurrik eskutik lotuta askatuko ginela uste genuenean bezala. Zelaiez beterik genituen zapatak kale nekatuetatik doaz. Gaur zure izeba ikusi dut banketxeko ilaran aterkiak bezala zabaltzen zenituen begiokin. Inoren zapatak janztea moduan izan da. OINAK Etxerako bidean dago ia beti, kalean norbait aurkitzen duenean. Elfriede Jelinek Ibiltzeko moduagatik jakin liteke bere buruarekin gustura doan bat. Ibiltzeko moduagatik zoriontsu izateko bokazio faltan da hori, takoiak kentzean hutsean geratzen da hura, ez du lurra sentitzen oinutsik datorren horrek. Zu ere ibiltzeko moduagatik ezagutzen zaitut lepoz, galderak irakurtzen dizkizut oinatzetan, eta badakit ez zarela nigana etortzen ausartuko bidean adieraziko zenidakeelako esan beharrekoa, zure eta nire arteko bidean artez datorrena aurrean paratu eta ez lidakeelako aitortuko entzun nahi dudana, zure oin hotsek bezala zure oin hotzek behin aitortu zidatena. AZAZKALAK Azazkalak azazkalekin garbitzen eta odola listuarekin xukatzen dituen bezala baleki berez sendatzen, ez luke bilatuko moztutako pinuaren isiltasunik ez eta asfaltoko belarraren bakardaderik. Eta ez lioke txakur emeen odol arrastoari segituko espaloian bere buruarekin estropezu egingo balu. Hatzei so egingo lieke, zerura beharrean. Azazkalak azazkalekin garbitzen eta odola listuarekin xukatzen dituen bezala baleki berez sendatzen, noizbehinka aurkitzen dena bezala poztuko litzateke bere buruari errezatu beharrik gabe ematen duen arrastiri bakoitzeko. Eta begiak jasoko lituzke lurretik bost zentimoko moneta bat bezala, topatu zintuen egunean legez poz borobil bat atzamarretan haztakatuz. ENGAINUA Nahi du eta ez du nahi. Arima bahitu diote ezustean gerrako gurasoek seme-alabei egia bezala, eta errua deklaratu du errudun bakar. Nahi du eta ez du nahi. Altzariekin estropezuka doa zakur zaharrak bezain nekatuta inork lanparak pizten ez dituen bitartean. Nahi du eta ez du nahi urrunetik hurbildu, hurbilekoa urrundu, zer sinetsi behar duen jakin ipuinak amaitzen direnean. Nahi du eta ez du nahi etxe itxiak bezala egurastu edo irunean iraun bere amaraunaren amarruan. ERREPIDEAN Errepidera irtendako piztia izutua zirudien. Maleta bat zuen aberri. Zainetan ur lodia zeramala esan zidan. Zer besterik da odola? Oraindik ez dakit zergatik geratu zen autoa bere aurrean. Ondoko eserlekua eskaini nion eta nora galdetzeko betarik ez zidan eman. «Zu eta bion artean 18 urteko aldea dago» esan nezake, baina ez dago segundo erdi bat ere. «Inoiz ez da goiz bizitzen hasteko. Badakizu? Nire alabak zure antza izan behar du». Neuk jakingo nuela non gelditu egin zidan arrapostu; bidean zegoela, bidera joateko; autoa gelditzea besterik ez nuela etorri bezala joan zedin. Berbetan jarraitu zuen nire isiltasunean. Semaforoa gorri jarritakoan zabaldu zuen atea. ZEBRABIDEAN Alferrikako gauzekin ez da jolasten, alferrikako gauzak ez dira beroak, hildako haurrari emandako bularra bezala. Hala ere hesitu egiten ditugu lorategiak, debekatua dago belarra zapaltzea, eta ama batek negar egiten du. Zebrabidean zain egon beharraz haserretzen gara, hotz da kalean, eta hotzagoak dira amaren esnez bustitako horma zuriak. Zebrabidea gurutzatu dugu, tupust egin dugun ezezagun horrek gaur zer galdu duen ez dakigu. Berdin zaigu. Berandu goaz. Lanegun txarra izan dugulako negargurari eutsi nahi genioke, baina ama hari bularretatik bezala nahi gabe jausi dira malkoak, alfer-alferrik, alkandora bustiz. HIRUGARREN PISUTIK Orduan ikusi nuen berriro: bizkarrean zeramatzan eskuak, eta erortzen utzitako minutuak hanka azpian karraskatzen zitzaizkiola egiten zuen oinez. Espaloietan bere bizitzari falta zitzaizkion puzzle zatien bila zebilela zirudien arren, ez zen eroritako minutuen bila makurtzen. Munduak bere begien inguruan jarraitzen zuen biraka. Zerua paper zimurtuz bete zen arte jarraitu nion pausoari inora ez doanaren mugimenduarekin. Bizilagunek leihoak ixteaz batera bakarrik gelditu ziren, bakardadea eta bera. Orduan ikusi nuen hirugarren pisukoa, eroritako nire minutuei begira. AULKI HUTSAK Bazituen dozena erdi aulki, egongelakoak kontatu barik. Egunero bat hautatzen zuen bere gorputzeko pisua norbaiten gainean bezala esertzeko. Atseden txikiak hartzearren besaulkietan ere jesartzen zen besoarekin inguratuz jarlekuaren lepoa. Igandeetan, sofa erdian, kuxinak alde banatan, ez zituen hankak gurutzatzen. Norbaitekin balego legez jokatzen zuen beti. Sukaldeko lurra garbitzen zuenero mahai gainera igotzen zituen egonarriz lanbasarekin zorua bustiz. Aulki hutsek ez zioten ezkaratza betetzen. ORAINDIK EZ Zelaiak orrazten diren moduan pasa dizkio atzamarrak burutik, belaunak urratzen zituen ume hura gogoan. Behin amona bihurtu zuen semeari begira dago, izarak bezala eskuetako zimurrak nola tolesten zaizkion begira, isilago ibiltzeko esaten ziola gomutatuz orain ohean geldi dagoen etxeko patioan etengabe korrika aritzen zen haur hari. Orain, isilegi dagoen semeari zelaiak orrazten diren moduan pasa dizkio atzamarrak burutik. Esateko zerbait, esateko aurtengo gabon kantak prest dituela, eskatzeko domeketan egiten duen sagar pastela, esateko ez duela semea hiltzen ikusiko. Oraindik ez, oraindik ez. ITSASORA Mundutik gaixotasuna besterik ez daroazu, itsasoaren pisua begietan, eta orain aspaldi harrapatu zenuen uretako maskor haren eitea esku ahurrean. Joan ziren arrantza egunak, galdu ziren sareak eta lagunak, lehorrean sikatu zitzaizun azala. Eta hil zorian zeundela itsasora eramateko eskatu zenidan, jaiotzen ikusi zintuen kalearen izena zeukan egurrezko zure bafore txikian. Hainbeste urdin, zertarako? Karelari eusteari utzi zenion eta bakarrik egin nuen arraun etxera bidean. —4— EZ DUT NAHI Ez dut lurperatuko nauen aberririk nahi, izan nahi genuena ahora ekarriko didanik. Ez dut nekatuko nauen maitasunik nahi, lepora igoko zaidanik mendeku hartzeko ez bada. Ez dut babestuko nauen amarik nahi, alboan izango ez badut denbora badoanean. Ez aberri, ez maitasun, ez amarik ez badut, nora itzuliko naiz? POSPOLOA Pospolo bizitza daramazu pospolo heriotza baten esperoan Zuk zerorrek zeniostan hiltzea baino latzagoa dela ez jakitea zertarako bizi garen Eta atzamar puntak erre dizkidazu nahita edo nahi gabe zeure burua erre duzunean EZ DAUKAT Ez daukat federik, ez onik ez txarrik. Denbora arrimatu bitartean, presak aginduta sinetsiko dut, zizarea sagar puztuan bezala babestuko, horzkada batekin ahoratuko zapore guztiak. Ez daukat sinesmenik, ez onik ez txarrik, sagar azala bezala biluzteko, inoren gosea jateko, plater hutsa mingainarekin betetzeko, besterik ezean. Ez daukat lekziorik, ez onik ez txarrik inori mokadutzat emateko, ez asmorik egunak ogi apurrak lez atzamarrekin batzeko, bihotza jan dioten sagar-mutxikina lez paradisuko zakarrontzian amaitzeko. ATZERRITARRA Atzerritar bat dabilkit neure baitako herrian itsaso hilak bezain hotzak diren oinekin birikak zeharkatzen. Esan, zer egin behar dut errealitate hau ez bada nirea, min banaiz, ni banaiz loa galtzen duena legez bere ametsetan arakatzen ari dena. Zer egingo dut ba, atzerritar bat badabilkit neure baitako herrian, harri artean babesten banaiz zu eta beste guztien aurrean. Ez da nirea erru guztia, guztia errua bada. Zure begiratzeko era da salatzen nauena. GEZURRETAN Neure buruari gezurretan harrapatu naiz isiltasuna zurrungaka entzun ostean salatariarekin haserretuz, gezurtiarekin beharrean. Aulki hotz batean jesar nadin eskaileretan atzera erortzen den horrekin; esan, ez dela posible berriz ez nadila engaina neure buruari gezurretan. Ni izan nintzen hemen noana ispiluetan salatzen, korridoreetan izutzen, neuretik itzultzen naizena. Aulki hotz batean jesar nadin, bero aurki dezadan bueltan. Neure gezurretan eserita arineketan ihes egin ez dezadan. BESTERIK EZEAN Izango dira egunak besterik gabe amaituko direnak, besterik ezean emandako berbak izango dira. Izango dira hozkailuan iraungiko diren erantzunak. Aukera egin beharrak beti dauka kostua. Izango dira uneak hormak bezala pilatzen direnak, eman gabeko agurrak izango dira. Izango dira besterik ezean gordetako nahiak. Ez egitea ere zigortzen da. Izango dira izkinak leku oro errepikatzen direnak, inoiz etorriko ez diren garaiak ere izango dira. Izango dira ezin hautatu ditugun moduak. Usoek harriak jaten dituzte tarteka. BADIRUDI Badirudi azalore bat zeruan Badirudi hutsa hotzean Badirudi izotz pista bere begietan Badirudi ispilu bat ertzetan denborak haginka egin diona Badirudi katebegiak bizkarrean gora Badirudi txotxongiloak lainopean Badirudi puzzle piezak espaloietan Badirudi denbora ispilu askotan begiratzen dena Badirudi koma bat estratan galdua Badirudi galdera ikur bat eskaileretan behera Badirudi ez dela ezer. Badirudi dena dela ezerez horretan guztian Badirudi esaldi erori bat ulertzeko asmo askorekin Badirudi asmo erori asko Badirudi
berria.eus MIKEL ELORZA arkupean Artikuluak AURKIBIDEA Txatarra paparrean 2014-06-07 Mendez mende mendean Ezpata eta haztaga Hautsetatik errautsetara Orokorrean gaiztoa Ez dezagun burua gal Pobreziaren geografia Eskola porrota Huntzak, akainak eta gu Kometaren buztana Izarren hutsa Eraginkorregiak Soinketa etengabea Orain ere kontra Geneetan txertatuak Ez egin negarrik Bizitza, ez biziraupena Lekuak egin eta kentzen Bizirik eta osasuntsu Putreak funtsean Ez da lehena Arrantza kuotak Astelehenekoak Egunerokoaren literatura Lapurretak Kamioietan okela Irekiera eta itxierak Tankeak garajean Besteak beste Mantetatik edredoietara Deskonexioa 40 urteko bakea Paparrean Hurkoaren hanka sartzea Koloreak eta geometria Iowako sailetakoak baino Bidezko merkataritza Betaurreko gabe, begiak itxita Legearen enperadoreak Perbertsio dira Ate birakariak Kontraesanak bizilagun Euskalduna izatearen latza Izarrak eta asteroideak Harrizko herri hau Sarearen erdigunea Mendekuaren usain zera hori Euskal argazki eta postalak Piramideak eta zibak Eltzea sutan jartzeko oraindik Herri harritu hau Apalik ez, harro Arrakasta edo putzua Leihatilaren iraunkortasunaz Urik gabeko hodeiak Para gaitezen Txatarra paparrean 2014-06-07 Duela 70 urte Normandiako hondartzetan lehorreratu ziren soldaduen alabantzak ikusi eta entzun ahal izan ditugu aste honetan. Agerraldietan estatuburuak dira protagonista nagusi, azken batean beren buruaren alabantza egiten baitute paparra txatarraz betetako agure maitagarriei dominak eta txaloak berritzen dizkietenean. Faxismoaren aurkako borroka eta demokraziaren defentsa izan ei zen Normandian gailur bat izan zuena, baina jakina, honi guztiari ziento bat ñabardura egin dakioke: oraingo estatu- eta gobernuburuen aurrekoek zer eragin eta jokabide izan zuten, demokrazia baino estatuen defentsa ez ote zen, gurean askoz omenaldi eskasago izan zuen Ekialdeko fronte sobietarreko sakrifizioak? II. Mundu Gerrak ertz askotako analisirako ematen du, ertz batzuk oso biziak gainera, baina gerra bera aztertzea ez da zutabe honen asmoa, are gutxiago aurten, hizpide izango dugun gerra Gerla Handia izango baita. Baina hamaika filmetan erakutsi dizkiguten hondartzetan egindako omenaldietako agure maitagarriek lotu dute nire arreta. Maitagarriak bai baitira, eta film ez baina dokumental errealetan parte hartu dutenengan antzeman daiteke askatasunaren alde Europako lurretan egin zituzten sakrifizioak, gerrara abiatzeko batzuek barruan zuten sen elkartasunezkoa (agure horietarik batzuk azaltzen dira, besteak beste gerrara derrigorrean joandakoek, gerrara joan nahi izan ez zutenek eta gerra basakeria hutsa izan zela esaten dutenek ez baitute bozgorailurik izaten; literatura uzten zaie). Baina maitagarriak dira ?batzuk besteak baino gehiago, imajinatzen dut? eta ezin da ahaztu milaka gazte hil zirela hondartza haietan egun bakar batean, eta beste mordoa hurrengo asteetan Belgikaranzko bidean. Horixe da ez ahanztekoa. Izugarria da duela 70 urtekoa, baina batzuetan izugarrikeriarena albo batera uzten du agintarien ahotsaren oihartzunak, eta ezkutatzen izugarria izan zela ordukoa, hitzaren esanahirik hertsienean: izua eragitekoa. Gerra basa. Eta, beraz, gerokoak eszeptizismo handienaren largabistekin begiratzekoa. Izan ere, 70 urte barru Falujako batailan parte hartutako marine-ei ere omenaldia egingo zaie? Paparrak txatarraz betetako agure (eta kasu horretan amonaren bat?) maitagarriei omenik egingo zaie Mazar-i-Xarifeko sakrifizioengatik? Afganistan, Irakeko inbasioa eta II. Mundu Gerra ezin direla alderatu gauza agerikoa da, baina militarrak, garaile eta garaituen arteko amildegia eta batez ere omenaldiak errepikatu egiten dira, eta aise asko irudika daitezke AEBetako, Erresuma Batuko, Espainiako eta Irakeko buruzagiak elkarrekin omenaldia egiten Bagdaden. Eta berdin Afganistanen. Eta han ere etorkizuneko buruzagiek askatasunaren eta demokraziaren izenean egindakoak izan zirela gerra hauek, lehorreratze hauek, esango digute, esango diete etorkizuneko herritarrei. Etsaiaren izendapena da aldatuko dena: faxismoa zen XX. mendean, terrorismoa XXI.ean. Edonola ere, milaka hildakoren errautsen gainean. Oso gutxi geratzen dira, baina autobusean edo metroan tokia utziko diogu konbatiente zahartuari, bai horixe. Eta gustura entzungo haien kontakizun eta oroitzapenak gerraren testigantza gordetzen duten tokiren bat bisitatzean infernura bueltatutako haietakoren batekin topo eginez gero. Txeraz lehortuko ditugu haien malkoak. Baina ahaztu gabe agure maitagarri bihur daitezkeen marine-ak mundu zabalean ibiltzen direla askapen operazioak egiten; Guantanamon oraindik ere 144 preso zaintzen dituztenak, han ere itsasertzeko infernu batean, marine-ak direla. Txatarrez beteta paparrak haiek ere. Azken batean, txatarra horiek jartzen dituztenak, milaka gazte loria horien bila bidaltzen dituztenak, horiek direla omenaldietako protagonista nagusiak. Baina igual merezimenduz: eurek eragiten dituzte gerra gehienak. Mendez mende mendean 2014-06-14 Gizartean aldaketak izaten dira eta legeetan horrek izaten du ispilua, edo hala beharko luke, batzuetan pentsa baitaiteke legeetan egiten direla hainbat aldaketa gizartean nagusia ez den baina nagusi nahi den iritzi bat lortzeko: Espainian PPk Zigor Kodearekin edo abortatzearekin egin duena. Maiz elite baten interesei erantzuten die legeak, gizartean agian iritzi eta eztabaida sendorik eduki gabeko aferei buruzkoak, eta bide honetatik arautzen dira hainbat jarduera ekonomiko, zerbitzuen pribatizazio eta tankerakoak. Botoen bidez hautatutakoek egiten dituzte legeak, bai, eta beraz gehiengoaren iritziaren emaitza behar lukete, baina guztiok dakigu hainbat gaitan herritarren iritziak ez duela berak hautatutakoarenarekin bat egiten. Edo hautetsiak aldatu egiten ditu iritziak beti ere ondasun gorengo baten izenean, eta horretan aspaldian Espainian alderdi sozialistak hainbat adibide eskaini ditu, errepublikartasunetik hasi eta Yolanda Barcinaren gaitzespeneraino. Gizartean izandako aldaketak arautzera datoz, baina, lege aldaketa zenbait, benetan, eta halaxe iragarri du Eusko Jaurlaritzak mendekotasun lege berria egin eta Legebiltzarrean aurkeztuko duela urte amaierarako. Badu drogamenpekotasuna arautzen duen legea, Nafarroako Foru Erkidegoak ere plana duen bezala. Baina jokoa, alkohola eta bestelako substantziekiko mendekotasunaz gain, beste batzuk ere badirela egin du gogoeta EJk, tartean teknologia berriek eragin dituztenak, eta jendarteko ohiturak ere diferenteak ei dira, eta arau berriaz gain, izena ere mudatu diote legeari, droga kendu eta mendekotasuna bere soilean utziz. Alor honetan egin den lana eta proiektuak oso aintzat hartzekoak dira, noski, baina beti eman dit erreparoa administrazioa bere herritarren osasunarekin gehiegi kezkatzeak, herritarrek bizimodu osasungarri eta garbiagoa egin dezagun aspaldian gero eta handiagoa den setak. Herritarrek dituzten arazoei erantzun behar dien heinean, normala ez ezik derrigorrezkoa da mendekotasunoz arduratzea administrazioa, eta zerbitzuak, planak eta aurreikuspenak egitea, baina ez zait oso sanoa iruditzen herritarren osasunarekin lar tematzea. Nork bere iritzia baitu osasungarri zer denari buruz; eta beldur naiz osasuna arautzen hasi eta herritarron zoriontasuna arautu nahian amaituko dutela. Ahaztuta, grina arautzaile horretan, zoriontasuna eta osasuna arautu baino, izan dezaten aukerak eta baliabideak eman behar zaizkiola herritarrari. Eta utzi nork bere bizioak gara ditzan, hurkoarenak errespetatzen dituen bitartean, ona eta guzti baita bizio batzuk izatea. Bizio txikiak, eta agian handiren bat ere bai. Izan ere, eta mendekotasunak anitz direla ahaztu gabe, mens sana in corpore sano sustatzea ondo dago, baina erne esaldiaren bigarren zatiarekin bakarrik gelditzen direnekin, erabateko mendekotasunik eza mendekotasun zenbait baino arriskutsuagoa izan daiteke-eta. Bada, azkenik, betiko beste puntu bat: legeek gauzak arautu bai, baina arazoak ebatzi ez dituztela ebazten. Mendekotasuna, hain zuzen, adiera zenbait dituen hitza da, eta heroina edo alkoholarekiko lotura bezala, deskribatzen du pertsona batzuek besteengan dutena, batzuek besteak mendean hartzen dituztela, hartu nahi dituztela. Azken egunotan Euskal Herrian hainbat adibide izan ditugu, mendekoa beti emakumezkoa dela. Eta menderatzailearen edo menderatzaile nahiarena ez da bizioa, kasu honetan, biolentzia baizik. Mendeak daramatzagu gaitz honen mende, bada garaia aldaketa benetakoak egiteko, legeekin edo gabe. Ezpata eta haztaga 2014-06-21 Ikuspuntu etiko batetik begiratuta egin dutena ez da onargarria, ikuspuntu politiko batetik ere ez akaso, baina ez omen da delitu eta ez dituzte epaituko. Yolanda Barcina eta Lourdes Goikoetxea. Ikuspuntu etiko eta politiko batetik egin dutena zuzena izan da, ustez kaltea jasandakoek ere kalterik ez dietela eragin esan dute, baina hala eta guztiz ere epaiketa izan dadin egoskortuta dago fiskala. Eta beraz amesgaiztoa ez da amaitu eta Damoklesena ez baizik eta Auzitegi Nazionalaren ezpata garondoaren kontra dute oraindik ere. Egunkaria auziko lagunek. Baina nola Justizia itsua den eta Espainian espero ez duenari ere gainera etor dakiokeen aho oso zorrotzeko ezpata hori —Espainiako erregearen koinatu eta arreba horren erakusle goren—, badaezpada Juan Carlos Borboikoa ere forudun egin dute, Justiziak bere aurka egin ahal izan ez dezan. Edo, zehatzagoa izanda eta tranparik gabe, egingo balu, langa eta ataka handiak pasatuta. 10.000tik gora dira Espainian forudunak: alegia, beren karguarengatik pribilegio berezia dutenak eta beraz justizia arruntaren atzaparrek harrapatzen ez dituztenak. Justizia gorenak baino ez ditu atzematen ahal. Justizia itsua delako, baina ergela ez. Eta horregatik ere Espainiak EAEn duen errege-ordeak, Carlos Urquijo jaunak, hitzarmen kolektibo kaxkarrenaren gainetik egiten du lan, esan nahi baita gau eta egun lanean dituela bere menpekoak —poliziak, gehienak—, eta erne eta azti dago EAEn gerta daitekeen administrazioaren edozein desbideratze anti-espainolista Justiziaren eskuetan jartzeko. Eta Justiziaren eskuetan zer dagoen denok dakigu: ezpata, zorrotza, aho bikoa. Eta gehienetan Urquijorena ez den aldera egiten du... ezpatak kolpea. Justiziak eskuetan badu balantza edo haztaga ere, baina trepeta hori iruditeria oso zehatz batekin lotzen dut nik, urrearekin eta agintariei bere pisuaren arabera eman beharreko aberastasunekin… Boterearekin. Justizia azken batean boterearen adierazpen bat da, botere bat da bere baitan, eta Botereak, kontrakoa frogatzen ez den heinean, boteretsuaren mesedetan jarduten du. Jakina, bizitzaren hainbat alor arautu eta haietan sortzen diren arazoak ebazteko darabilgun sistema bat ere bada, eta gutxi asko ibili badabil, baina bere ibilbideak gizarteak berak ezarria duen balio sistemari erantzuten dio eta beraz jabego pribatua, familia eta halakoak ditu iturburu Ez da iazko haizea, nolanahi dela, justiziaren gaia. Arazoen ebazte bidezkoa, justua izatea, justizia... Geure egunerokoan egiazta dezakegu zein zaila den bi pertsonaren artekoak, etxepeko arazoak, lagunartekoak, oro har harremanetan sortzen diren tirabirak kudeatzea; arazoak maiz sortzen dira, eta ez da erraza izaten adostasunak aurkitzen, konponbideak lotzen. Sentimenduek, gainera, erraz hartzen diote gain ustez arrazoimenak erakusten duen ildoko jokabideari. Krimenen aurrean izan ohi dugun jarrera da esanguratsuena: justizia eskatzen du jendeak, baina nahi duena mendekua da. Eta hain zuzen ere Justiziak emandako ebazpena ez du onartzen, ez du justutzat hartzen, berak eskatzen duena betetzen ez bada. Justizia itsuaren sinboloak badu bere esanahia, denok ulertzen duguna, nori ezartzen dion ikusi gabe jarduten duenarena, baina erraz uzten du sinboloari ere buelta ematen: justizia ezarri beharrekoetan zein erraz itsutzen garen guztiok ere. Hori bai: ezpata ia beti alde berera erortzen da. Eta bestera egiten duenean, askotan izaten da abiada hartzeko egiten duela, kolpe handiagoa emateko bulkadatzat baliatzen duela. Hautsetatik errautsetara 2014-06-28 Ez kontsumoa, ez hipotekak, ez soldatak ez KPIa, beste adierazle ekonomiko bat plazaratu dute egunotan hobekuntzaren erakusgarri: bikote banaketak. Handitu egin da dibortzio kopurua Espainian, eta hori hobetze ekonomikoaren seinale omen da Neurketa eta ondorio horretarako funtsik badago, noski, eta erraz samar da antzematen, baina bitxia ere suertatzen da dibortzioen emendatzea adierazle ekonomiko gisa aurkeztea. Famili ereduarekin eta, pixka bat loratuta, zoriontasunaren merkatuarekin lotzea errazagoa egiten da. Nahiz eta, azterketa pausatua eginda, ezin ziurtatu merkatu horretan gora edo behera egitea esan nahi duen. Estreinako erreakzioa kalterakoa da, seguruena, banaketa gauza txartzathartzea, baina era berean zoriontasunaren kontrakotzat ere pentsatu beharko genuke hondoa jotako bikote harremanari eustea. Gogoz kontrako kateari eustea baino sanoagoa izango dela, alegia, katea apurtzea. Urtetako harremana San Joanetako sutara bota behar izan gabe, besterik gabe bi pertsonaren bizitzetan solstizio berri bat izatea onerako izango da. Hori bai, bikotearen haustea alde bietatik beharrean bakarretik baldin badator, alde horrentzat udaren hasiera izan daitekeen bezala, gerezi denbora berria, beste aldearentzat ez, beste aldea erreta ateratzen da su horretatik, boteretsua baita garren indarra. Baina ez nadila bikote hausturen analisian katiga, normalena erreta ateratzea izango da-eta. Adierazle ekonomikotzat aurkezteak piztu du gure arreta. Ekonomia hitzak, sorreran, «etxearen kudeaketa» edo antzeko zerbait esan nahi badu, ez gabiltza hain oker. Etxea kudeatzea bihurtua baita askoren bizimoduaren ardatz, banatzekotan egon, edo ez. Etxea, edo etxe falta. Handiak behar zuten, nik uste, aste honetako San Joan suek, baldin eta neguko kontu txar eta arrangurak erretzera bota baditugu behintzat. Gasolina faltarik ez zuten izango, herritarrok bospasei urtez luzatu den negu latz honetako txarrak erretzera emanez gero. 30.000 euroko zorra pagatu ezinik zegoelako aste honetan kalera joan den sendiak izango zuen sutara zer bota. Nortzuk bota. Dozena erdi zero gehiagoko zorrak eginagatik ere inora bota ez genituen finantza erakundeak, adibidez. Are gehiago, sutan erre beharrean diruz hornitu genituen negu luzea ekarri zuen festarekin jarrai zezaten. Eta orain sutara bota nahi dutena horren akordua da: krisia pagatzen ari direla eragin ez zutenak. Berriro gerta ez dadin berme handiagoak hartu omen dituzte agintariek—beharrik!—, baina funtsean krisi sakona eragin zutenak apenas erredurarik gabe eta kasu askotan ke kirats pixka batekin baino ez dira atera istorio honetatik. Eta ketan milaka jenderen bizitzak joan dira, suak itzali eta errautsetan aurkituko ditugunak patologo forentse adituak izan behar izan gabe. Bejondeiela krisiagatik banatu ezin eta hori atzean utzi ahal izan dutenei, krisiak krisi, ezinago tristea izan behar baitu banatu nahi eta diru kontuengatik eutsi behar izatea bikoteari. Eta benetan tristea espekulazioaren festa honetan milaka lagun kiskali direla, oraindik ere egunero erretzen ari direla, eta jende izatetik adierazle ekonomiko huts izatera pasatu direla. Izen eta deiturak dituzten adierazle ekonomikoen gainean eraiki nahi dutela etorkizuneko bizimodu ekonomikoki konpondua. Ketan urtu diren izen eta deiturak. Santu izenez beteriko aste honetan, nola litzateke santu gurtzaileen esaldi ekonomikoki eraldatua? «Hautsa zara eta errauts bilakaraziko zaituzte». Orokorrean gaiztoa 2014-07-05 Tartaro izeneko Infernura zigortu zuten Tantalo, Zeusen seme apetatsu horietarik bat, Greziako mitologian. Itxuraz, eta kondaira horietan pertsonaia guztiek duten zori gaiztoaren jokoaren baitan, Tantalok nektarra eta anbrosia —jainkoen edabeak, orduko koka edo EPOa, ez nago oso ziur— lapurtu, eta gizakiei eman zien (eta ordudanik lurtarrok nektar eta anbrosia guztiak zukutu ditugula esan beharrik ez dago, bihar hasiko diren festa global horiek etsenplu). Gerora beste azioren bat egin zuen, eta zigor latza jarri zioten Tantalori: infernuko laku batean egotera zigortu zuten, zutik, eternidadean, urak kokotseraino eta frutak justu buru gainean, ezin egarria ez gosea ase. Mitologigileek asmatzen dituzten pairamen paregabe horietako bat. Niobe izeneko bere alaba batek ez zuen askoz patu gozoagoa izan: seme-alaba gehienak hil zizkioten, inbidiaz eta jelosiaz jardun zuelako ziur ez dakit zertan. Esango genezake emakume bekaizti gaiztoa izan zela, laburbilduz. Izan ere, greziarren kondairak ez dakit, baina hori bai unibertsala dela, eta mantentzen da: emakumeak gaiztoak dira, badakizu, orokorrean. Gizonezkoak ez, zakarrak eta are basatiak izan daitezke eta kristorenak egin, baina gaiztoak; gaiztoak emakumezkoak dira. Berez: geneetan eramango balute bezala. Nahiz eta geneetan iltzatuta dagoela dirudiena bestea den: alegia, gizonezkoek elkarri esatea, broma balitz bezala baina benetan hala sentitzen dela, «badakik, emakumeak gaiztoak izaten dituk...». Kontuak kontu, Nioberi ere egokitu zitzaion destinu latz petrala. Eta hainbat urte geroago, patu makurrak Afrikako infernuan batu ditu berriro aita-alabak, kimikari bataiatzaileen gutiziaz. Metal bat niobio bataiatu zuten, kolunbio izena ere baduena. Beste bat tantalo. Eta biak elkarrekin ageri dira naturan, normalean, bien izenaz osaturiko mineral batean: koltan. Alboan izeneko GKEaren ekimenari esker berriro ere trending topic bilakatu da hitza, koltana. Mea hori darabilte gure segapoto eta tablet eta hainbat trepeta egiteko, ezinbestekoa da, eta munduan den koltanaren %80 Kongon dago, eta gai honen komertzioak astindu du, gehiago, lurraldea. Eta beraz koltanaren ekoizpen eta merkaturatzea Kongo azken urteetan txikitzen duen gerra eta miseria etengabearen erdigunean dago. Nolabaiteko kontsumo arduratsu bat bultzatu nahian, estatu eta gobernuak inplikatu nahi ditu Alboan elkarteak, euren enpresak bultza ditzaten teknogailuen fabrikazioan koltan zikina erabil ez dezaten —duela urte batzuetako odolezko diamanteen tankeran—. Ekimena ona eta txalotzekoa da, planetaren lotsaizun izan daitekeen Kongo begipean jartzen baitu. Lurralde ezin aberatsagoa, infernu bilakatua da hango bizilagunentzat gizon zuria —eta ez emakumea, nahiz eta gaixtoa bera izan— hara iritsi zenetik. Lehen ere paradisua ez zen izango, baina ordudanik... Txalotzekoa ekimena, baina ez dakit zenbaterainoko gero arrakastatsua izango duen. Kazeta honetan Danel Agirrek atzo aitortzen zuen askok aitortzen ez duguna, eta da jakitun izanagatik ere gure kontsumo ohiturek ematen diotela oinarria hainbat esplotazio molderi, dela gizateriarena, dela naturarena, nekez aldaraziko ditugula kontsumo ohiturak. Ez da erabat horrela, eta kontrako norabidean, alternatibo adjektiboari erantzuten dioten mugimenduetan egiaztatzen ahal da beste mundu bat posible dela, txiki eta oinarrizkotik hasita, baina oso zaila da. Batzuetan hartz mota oso bakan baten desagerpenak milaka gizakiren heriotzak baino gehiago durduzatzen bagaitu ere, zenbait ohituraren aldaketa gogorra egiten baitzaigu. Baina ez geneetan horretarako programatuta ez gaudelako, ezpada ohitura batzuetan aldatzeko eta besteetan ez aldatzeko programatzen gaituztelako. Emakumearen gaiztotasuna bezala, geneetakoa ezarritakoa da, ez berezkoa. Hori hondarribiarra ez baldin bazara, orduan akaso genetikoa baita. Egunotan dokumentala ikusi dut alardeari buruz eta... baina isilduko naiz, ez bainaiz hangoa, bertakoa, eta beraz ezin baitut hura ulertu, eta gutxiago hari buruzko iritzirik eman. Gainera, emakumezkoen afera da hura, eta badakizu, irakurle, emakumezkoa orokorrean gaixtoa da. Ez dezagun burua gal 2014-09-06 Zinez gordina da norbait lepo egiten ikustea, zuzenean: belaunikatuta, kamera aurrean, eskuak bizkarrean lotuta, fundamentalista hiltzaile batek aiztoa erabilita. Biktima edonor dela gogorra, are gogorragoa da biktima kazetari zuri mendebaldar bat denean. Berez are gogorragoa ez, ezpada oihartzunduagoa. Lepo egindakoa James Foley edo Steven Sotloff izan beharrean beste edozein koitadu izan balitz ere, autoktonoa eta ez kazetaria, berdin estutuko litzaiguke barrena. Pantaila bidez ikusi dugunoi. Hori ere onar dezagun. Zuzenean lepo egite bera da latza. Besterik da, ordea, biktima beste bat izatera, gure gizartea astindu ez zela astinduko, medioek ez ziotela astindu dadin aginduko, ez zela ohartu ere egingo. Sarean hainbat dira argazkiak, zintzur ebaki izugarri gore-ak, albistegietan haizatu ez zaizkigunak (Mexikokoak anitz). Baina gehienon urdailak berdin zimurtuko badira ere, Mendebaldeko agintarien barrenak ez. Horiek bereziki aztoratu dira eta gainera gizartearen sentimendua ordezkatu nahi izan dute ekintza basatiaren arbuioa egin dutenean, terroristaz gain borreroari harakin deitu diotenean. Ordezkatu nahi izan dute. (Gure gizartea asaldatuta ez dut sumatu, medioek diote asaldatu dela; eta irudien gogorraz… susmoa dut, susmoa baino ez da, milaka lagun ibili dela sarean hedabideek osorik eman ez duten bideoaren bila). Baina Hollande Cameron Obama bai. Sakon aztoratu da Britainia Handiko gizartea, Downing Streeteko 10.etik hala aginduta, ohartu direnean aiztoaren jabeak azentu britainiarra zuela, jihada egitera joandakoa baina haien arteko bat dela ohartu direnean. «Ez da posible, hori britainiar batek egitea!» oihukatzen imajinatu ditut (gogorarazi dit euskal herritar batek ezin zuela hil solemneki adierazi zuen lehendakariaz, atentatu batzuez «no son vascos quienes cometen esas atrocidades»; eta ez ziren, baina hori beste upel bateko sagardoa da). Britainiarrei zimikoa egin omen die urdailean eta… kontzientzian? Ezetz esanen nuke, kontzientziak bostetan tea eta zazpietan pintak lasai hartzen segitu duela, ez baititut sekula sumatu Irak gainera botatako milaka bonbaren azentu oxfordtarra deitoratzen. Ekialde Hurbila Erdi Arora daraman bidea urratzen hasi zirenean ez zuten azentuari buruzko kezka handirik orain aiztoaren basakeria salatzen dutenek; eta «harakin» tipoko kalifikatibo gutxi ibili dute azken hamar urteetan Iraken burua besoak zangoak bizia eta are inoiz berriro bizi ahal izateko itxaropena ere galdu duten milaka pertsona horien borreroei buruz. Ez dizkigutela zuzenean erakutsi, hori ere hala da. Ez dago odol mantxarik play station bitartez lepo egiten duenarentzat. Lepo egindakoa zirtzilatuta geratzen bada ere, horrek ez ditu Europa eta Amerikaren bihotzak urratzen, kazetari koitaduen buruek bai. Hainbat aldiz esanagatik, eta salaketa sinplea dirudien arren, hala da, eta behin eta berriro esan behar da, jihadisten bideoak haiek eta haien adierazpenek gu nahasi nahi gaituzten aldiro: Irak egungo egoerara AEBetako industria politiko-militarrak eraman du, inoiz botere izateari uzteko asmorik ez duen botere ekonomikoak, eta horrek azaltzen ditu Iraken, Sirian, Libian, Yemenen eta beste hainbat herritan gertatzen diren basakeriak. Lehendik gasolina zegoen tokietan —eremuok ez baitziren lasaiak—, su azkarrago hartu du, jakina, eta kalifatoa bezalako etorkizun historikoetarantz bizkorrago jo. Munstroak behar dituztenean, munstroak eratu eta antolatzen dituztela esan izan dugu, eta maiz munstro horiek haien aurka bihurtzen direla. Bai. Baina munstrorik handienak eurak dira. Munstroagoa da distantziatik, eta itzaletik, telekomandoz dozenaka lagun zapartatzen dituena kamera aurrean propio landutako parafernalia batekin pertsona bat aiztoz hiltzen duena baino. Ez gehiago, akaso, baina gutxiago ere ez. Momentuan urdailak gehiago estutuagatik ere. Azentua edozein duela. Pobreziaren geografia 2014-09-20 Jared Diamond-en Su-armak, germenak eta altzairualiburua, mardula bezain interesgarria da, ezagutzaz betea. Zibilizazio teknologikoki garatuena, mundu osoa konkistatzeko gai izan dena zergatik Europan eta ez beste inon eman den galderari erantzuteko egina da liburua —laburrean esanda—, eta horren zioen bila eta miaketan, antropologia, historia, teknologia eta beste hainbat jakintza-eremu aztertzen ditu, eta erantzunak bilatu eta aurkitzen. Galdera horixe egiten diote beren buruari milaka lagunek gaur egun, liburua ezagutzen ez dutenak, libururik ezagutzen ez dutenak asko, baina ez Diamonden jakintza asmoz. Madarikazioz egiten dute galdera, zer arraiogatik aberats eta boteretsuak europarrak dira, eta ez haiek. Zergatik miseria han da, miseriak, bat eta bestea. Garatu izateaz, eta batez ere aberats izateaz, idatz liteke, esan liteke berez oso pobreak garela gu, dirua besterik ez daukagula, eta garapena zeri deitzen zaion zalantzan jar liteke, kantuak dioen bezala barizeen kontrako borroka estetikoan aurrera egiteak zenbateraino egiten gaituen garatu. Zalantzan jar daiteke, bai, baina hori dute desio munduaren zati handi batean. Hori ere kaskoratu diegu. Dirua besterik ez daukaten pobreak izatea; edo izateko aukera edukitzea, gutxienez. Horixe nahi dute batzuek eta gehienek hori baino zerbait oinarrizkoagoa: bizitzeko aukera izatera. Barizeen kontrako ebakuntzak ez, ebolaren aurkako sendabidea nahiko lukete; dengearen aurkakoa... Hori lortzeko teknologia izatea, hemen garatuko ez dena dozena bi mediku eta kooperante mendebaldar hiltzen ez den bitartean. Gogorra da esatea, baina New York, Paris edo Londresko erdigunean ebola kolpe batek jotzeak lagunduko lioke garapen teknologikoari. Ez zarete akordatzen Tamiflu izeneko botika baten zenbat milioi dosi erosi genuen? Haiek gordetzeko biltegien alokairuan soilik milaka euro gastatua da Eusko Jaurlaritza! Ebolak nekez joko du, ordea. Tropikoetako gaitza delako? Ez, hori ez da arrazoi nagusia (eta berdin dit zientzialariek kontra egingo balidate!). Ez du latz joko, ebolak pobreak hiltzen dituelako baizik. Hiesak jende asko hil zuen Mendebaldean, badakit, gure ingurua ere erasan zuen bortitz, baina beste era batera esango dut: ziurtasunik izan bagenu Afrikako mugak ez zituela gaindituko, San Franciscon gorpuztu ez balitz, sendabiderik nekez izango zukeen. Zorrotzagoa izanda, esan daitekeena da pobrezia dela ebolarentzat mintegi oso oparo bat, baina batez ere ebolaren hilgarritasunari. Ebolak hiltzen baitu, bai, baina batez ere pobreziak eta miseriak hiltzen dute. Hori da gaur egun, ofiziala ez bada ere, munduko faktore heriotza eragile nagusia: pobrezia. Eta miseriak ito zaitzake zure likido guztiak jariarazten dituen sukar latz batekin; edo ur gaziak itota. Mediterraneoan. XXI. mendeko holokaustoa bilakatzekotan den itsaso zorigaiztokoan. Planetaren erdigunea Europan jarri duen geografia gorrotagarri horri ihesi, isilean ere orroka ditugu urok. Bare egon edo nahasi, ispilua da. Hondoan dautzan gorpuak gure erreflexua dira. Mare nostrum? Gezurra. Nostrum aberastasunak dira, haiei uzten ez dizkiegunak. Itsasoa haiena da, haien hilerria, cemeterium nostrum, edo suum, edo ez dakit nola den latinez. Gainera, kolonizatzaile ikuspegia zer den, jakin beharko genuke fulaz, joruberaz, woloferaz, hausaz… nola esaten zaion. Nola madarikatzen den. Ipar Europa eta AEBetako hondartzak bustitzen dituzten ozeanoen aldean, handiagoa da Mediterraneoaren gatz maila. Ebaporazioagatik dela esango dute zientzialariek. Izerdia eta malkoak ahanzten zaizkie. Pobreziaren geografia madarikatzen dutenen amorrua. Eskola porrota 2014-10-04 Mutil gazte batekin lan harremana izan dut berriki, arazoak zeuzkan drogekin —batez ere alkohola—, eta arazo horrek beste arazo batzuk ekarri dizkio: borrokak, eta horren ondorio juridiko-penalak. Azkeneko liskarrak espetxera eraman dezake gaztea, lehendik ere badituelako zigor batzuk, eta gau batean motiborik gabe batek muturrekoa eman zion eta berak erantzun eta handik kolpeak, mediku-parteak, epaitegiak… Ez zait inporta, artikulu honi dagokionez, berak borrokan izan zuen partehartzea kontatzen didan bezala izan zen, edo handiagoa, inporta didana da nik komentatu nionean bere burua kontrolatu behar zuela, dauzkan aurrekariekin eta zigorrekin ezin zuela hala ibili, bere aitaren komentarioa izan zela —aurrean baitzen— niri galdetzea ea zer egin behar zuen bada, «kolpeak jasotzen jarraitu?». Erantzun egin zuela, erantzun egin behar ziola erasoari, berak edo nik egingo genukeen bezala. Haserre baitzegoen aita, normala denez, semeak oso garesti ordainduko duelako emandako muturrekoa, eta kontrarioak merke. Azken honek haserretzen duela semearen zigorrak adina, esango nuke. Gizon eta emakumeen arteko kontuak ebazteko eta konpontzeko moldeez ez dut mintzatu nahi, justizia formal eta legearen bideez badut nik ere arrangura sarritan. Baina ez dut gaurko mintzagai, mutiko honek ikusi eta ikasi duena baizik. Hormonek duten garrantzia eztabaidaezina da, eta maiz nagusituko zaizkio pertsonaren arrazoimenari. Ados. Baina eraginik izango du pertsonak ikusi eta ikasi duenak bere erreakzioetan, hormonak kontrolatzearen edo erabat solte uztearen erabakia hartzeko unean. Agian erabat konfundituta nago eta komentario huts batetik ondorio okerra atera dut, baina nago mutiko honek etxean jaso duenak eraginik eduki duela bera gero bilakatu den pertsonaren izaeran. Ez da zientzia, badakit: lana ezin hobe egindako gurasoek esperientzia txarrak izango zituzten seme-alabekin, eta alderantziz, egoera ezin makurragoan haziko zen makina bat pertsona orekatu eta zentzudun. Zorionez, ez da zientzia. Baina eragina behar du izan, derrigor. Eta handia, oso handia. Hormona —testosterona jeneralean, hori ere ez dezagun ezkutatu— eta printzipioen arteko borroka horretan nor nagusitzen den ezin jakin, beste faktore batzuk ere egongo direlako, baina horietan ez da handiena, ene ustetan, eskola. Nahiz eta asko behin eta berriro tematzen den ardurak beti eskolara igortzen, neska-mutikoen motxiletan sartuta. Eskola eta jasoko duen hezkuntza garrantzitsua da, noski, hark ere lagunduko baitio izango den pertsona osatzen. Etxea, bere ingurune hurbila, eta eskola. Eta beste. Beste batzuk ditu eskolak, ardurak esan nahi dut. Pertsona askea, menpekoa izango ez dena, arduratsua, gizarteaz eta bere igualez arduratuko dena, horretan hezten lagunduko duena. Horratx eskola. Duela 105 urte fusilatu zuten Francesc Ferrer i Guardia pentsalari eta pedagogo anarkista, duela mende bat baino gehiago eskolaren oinarrizko printzipioak idatzi zituena. Mendea pasatu eta ez dakit haren ametsari hurbildu gatzaizkion. Planteamendu utopikoa da noski —baina ez da txarra utopiak edukitzea, amestea, ezta?—, eta batez ere oso zaila uztartzen egungo gizartearekin: ikaslez betetako eskolak —eta gainera bezeroak lortzeko lehia etengabean!—, diru kontuak, kalifikazioak, curriculumak… LOMCE legea aztertu besterik ez dago: zein duten xedea aldaketek, eta zenbaterainoko kezka duten, hori egin dutenek, neska-mutikoen hezkuntzarekin. Baina zer espero dezakegu, hezkuntzaren ardura dutenak mapekin korapilatzen badira, inkisizio-molde zaharrenarekin badihardute… Bere argudioa erabilita, zeina ez nukeen egin behar, Iribas jauna eta bere aginte-kideak ibili diren eskola eta materialak lirateke debekatu beharrekoak. Non ikasi du Iribas jaunak? Ba eskola hori itxi dezagun, jaun hori bai baita eskola-porrota, ez azterketak gainditzen ez dituztenak. Kasko urdina kaki 2014-10-18 Zorioneko da mundua: Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide izango da Espainia. Zibilizazioen Aliantzaren sustatzaile nagusiaren aldaba jo ahal izango dute nazioarteko gatazkek, beraz, eta han izango dute On Kixote direnik eta korapilorik zailenak askatzeko pronto. Kataluniak Segurtasun Kontseilura jo ez dezan egindako jukutria eman dezake, Espainiako Gobernuak duen tema ikusita, baina ez, lehendik datorren kontua da, Rodriguez Zapaterok abiatua eta Mariano Rajoyren Gobernuak lantzen segitu duena, lortu arte. Nola lortzen den? Ba udan 50 gradu egiten dituen parajeetan munduko futbol txapelketa bat antolatzea Qatarrek lortu duen bezala, edo Errusiak Sotxin Neguko Olinpiar Jokoak: ordainduta. Diru bitartez, faboreen bidetik. Munduan zehar ibili —hango eta hemengo goi bilerak— eta bosteko mordoa estutuz. Bostekoaz gain gutun-azalik ere bota den ez dakit —PPk ez dakielako ez da izango behintzat—, baina kirol arlokoetan (alegia, negozio), lehen aipatu ditugun horietan, sosak daudela zalantzarik ez dago, eta honetan ere egongo dira. Segurtasun Kontseiluan egotea, dena den, boterea gehiago da dirua baino: nazioarteko foro nagusienetako batean ahotsa izatea (eta botoa; ezen ez betoa, hori bostek baino ez dute), nor izatea. Hori ere garrantzitsua da. Ondo etorriko zaio Espainiari, gainera, futbol eta saskibaloi txapelketak eta tenis edo automobilismo alorreko balentriak gutxitzen ari diren garai hauetan. Artikuluaren hasieran Espainiaz trufa egin dudala pentsa lezake inork, han egon daitezkeen besteek ere askoz hobeak zertan izan ez dutela. Egia. Ez zait ahaztuko AEBetako ordezkariak Saddam Husseinek kamioietan mozorrotuta zeuzkan arma ikaragarriak aurkezten, Segurtasun Kontseiluan, inolako lotsarik gabe. Baina, nola esango nuke, Sahararen ordezkaria banintz errezelo apur batez joango nintzateke babes eske badakidanean aurrean izango dudan Espainiako ordezkaria, Garcia Margallo ministroa, Kataluniako autonomia suspenditzeaz lasai asko mintzatu zela aurreko batean, mihian batere kiorik gabe. Eta alderdi honexen gobernua izan zela korrika eta presaka, zuhurtzia oinarrizkoenaren gainetik, Madrilgo martxoaren 11ko atentatuen egile ETA zitekeela NBEri esanarazi ziona, Colon Plazako banderaren masta baino ziri luzeagoa sartuz. Mahaikide izango dituztenek ere antzeko curriculumak izango dituzte, jakina, ipurdia eserleku haietara eramateko zein meritu hartzen den aintzat badakigu, baina aurreiritziak direla dakidan arren, Spain bada oraindik ere different zenbait gauzatan. Harritu gaitzakete, hala ere, eta aldarte ireki demokratikoz jardun han, etxean otso eta kanpoan uso, horretarik ere asko kausitzen baita nazioarteko foro horietan. Gainera jakina da estatu handiek kuidado are handiagoa izaten dutela elkarren baratzeetan aitzurra ez sartzen, beste batzuenetan goldea errukirik gabe ibiltzen duten horiexek. NBEren eraginkortasuna mugatua da, berrikitan Gazan egiaztatu ahal izan dugunez, baina nazioarteko gatazka beroenak han lantzen dira, eta iritzia ez ezik jarrera ere erakutsi beharko du Espainiak Ukrainari buruz, Estatu Islamikoaz, Saharaz, Ipar Koreaz… Ez du bere aldetik jardungo, noski, sozioekin batera ibiliko da, baina agertu beharko du bere burua. Ea uso diharduen. Etxean otso segitu du, eta ulu batzuk marrantak jota atera bazaizkio ere, aste amaierara ez da gaizki iritsi, Espainiako Gobernua. Birusaz jardun da, eta banku-txartelez —a ze lotsagabe kuadrilla!—, eta isilago Kataluniaz Artur Masen agerraldia iritsi arte. Eta azkenean lehen round-a gainditu egin dute, eta hasperen lasaia bota. Baina konbatea ez da amaitu, ez kataluniarren aldetik, baina ezta haienetik ere. New Yorken ez dakit, baina hemen bai baitakigu Madrilen kaskoa ez dela urdina, berdea baizik. Kaki kolorekoa. Huntzak, akainak eta gu 2014-11-01 Txartel ilunekin gertatu den aferak berehalakoan ekarri dit galdera gaiztoa, eta ez nintzen noski bakarra izango: herritar gehienen arrangura zein da, garai latzotan gutxi batzuek txartela suelto ibili izana?, ala txartela beraiek ez eduki izana? Osotasun ustelgaitzeko jendea ez da aurkitzen erraza, onar dezagun, eta askori —ni haragi ahulekoa naiz, onartzen dut— ateraldi marxista jalgitzen zaigu halakoetan: «Nik printzipioak dauzkat!, baina bueno, hauek gustatzen ez bazaizkizu beste batzuk ere badauzkat» (Marx pentsalariaz ari naiz, ez filosofoaz; Grouchoz, alegia). Batzuetan pentsatzen dut gutxi batzuen horien lekuan —tira, azkenerako hain gutxi ere ez dira— askok jarriko lukeela bere burua, eta beraz deitoratzen duguna ez dela ustelkeria, batzuk bakarrik usteldu ahal izatea baizik; gaitzesten duguna ez dela lapur batzuen lotsagabezia, harrapakinaren banaketan gu ez egotea baizik. Nork bere partila ezin hartu izana. Baina uste ustela da aurrekoa, merkekeria mediatikoa. Herritar gehienak ez dira lapurrak, eta ez lukete poltsa etxera eramango —Suitza edo Andorrara, kasu honetan—, aukera edukita ere. Eta ilobari lana emateko tentazioari izanda ere —edo koinatuari? Koinatuari ez, ezta?—, itzuri egingo liokete tentazioari. Hala ikusten dut nik, bederen, gehienek bizikidetza arauak errespetatzen dituztela, eta horien baitako printzipioa dela norberarena ez dena ez norberarentzea. Jakina, tentazioari amore errazago ematen diotenak daude: kanutoak, lehen muxuak, puenting egiteak ere ez ditu denak indar berarekin erakartzen, beti daude xaleagoak, bizioaren maitaleagoak, eta beste aldean zurrunagoak, formalagoak. Ahuleziei atakak jartzen asmatzea da kontua. Zer den seguru jakin gabe, kultura politiko deritzon horretan datza, noski, kontua, bere bi alderdietan: sistemak behar dituen muga eta neurri eta ondorioak ezarri jarrera batzuen aurrean; eta formazio politiko sendoa sustatu, res publica-ra iristen direnak oinarri batzuekin iristeko. Ez du bermerik eskaintzen, eta ustelkeria da gaur egun ezkerretik hurbilen dauden ereduetan arazoetako bat —Hegoamerikako hainbat proiektu—, baina uste dut hortik datozkeela konponbideak, zati batean. Pertsonena da beste arloa. Espainian lehenengoarekin ere arazoak daude, orain barkamen eske dabiltzanek ustelkeriaren aurkako oinarrizko hainbat neurri ez baitituzte hartu —Haziendarekikoak, alderdien finantzaketa…—, eta gainera granada etxeko salan lehertu zaien arte ez dira mugitu, ezkaratzean aspaldi zeukatela zekiten arren. Diru publikoen erabilera, sistemaren funtsetako bat dena, ez da ikuspegi horretatik arautu, eta hortik problemak. Hortik, eta hauteskundeen hurbiltasunagatik, hori ere ez dezagun ahantzi. Tipula-malkoak esapidearen sinonimo da, dagoeneko, politikari-barkamenak. Bestalde, pertsonen arloa daukagu. Ez dena soilik pertsonena. Akainak ile suerte guztietan topa daitezke, eta huntza den jendea ere bai, eta ez jotak dioen legez inoren loari begiratzeko, gora eta gora beti jarduteko baizik. Baina goragintza geneetan daukatenez gain, arazoa dator eredua garaipen soziala bihurtzen bada, eta berau arrakasta eta dirua. Etxearen goialdean horiek jartzen badira, ba orduan huntza ugaritu egiten da, eta askok nahi du teilatura igo. Eta halaxe gabiltza orain, eta beraz hortik datoz aldaketarik zailenak. Indarrean eta gero eta indarreango dauden ereduak desegiten. Eta beraz heldu beharko diogu zenbait planteamendu marxista zaharkituri —eta orain filosofoaz ari naiz, ez pentsalariaz—, baina buelta bat emanda eta XXI. mendeko pertsonen iragazitik pasatuta —pertsona faktorea sarri izan du ments ezkerrak—, eredu berria asmatu arte. Izan ere, munduan aberats gutxi batzuek ondasunetan 14 milioi pertsonak adina dutela irakurtzea… amorragarria da, eta arrazoi etikoak ematen dizkigu gutxi horiei daukatena kentzeko. Baina ahaztu gabe inportantea ez dela asko duten horiei kentzea, deus ez dutenei ematea baizik. Kometaren buztana 2014-11-15 Askori ebatsi digu arreta aste honetan Rosetta zundak eta Philae moduluaren kometaratzeak. Albiste zientifikoek tiratzen dute, ez baita iazko haizea misio-aren inguruan esan zaiguna, aspektu teknologikoen goi maila. Kometa aztertuz unibertsoaren jatorria eta halakoak ikertuko omen ditugu, eta unibertsoa nola eta zerez osatua dagoen, nondik gatozen. Diru horrek beste erabilera batzuk izan zitzakeela zalantzarik ez dut, baina ez noa ikerketa espazialaren kontra egitera. Aprobetxatuko dut kometa gure informazio eremutik pasatu dela komentatzeko unibertsoaren eta bizitzaren jatorriari baino, nondik gatozenari baino, nora goazenari begiratzea estimatuko nukeela nik. Eta ez diezadala inork erantzun nora goazen jakiteko nondik gatozen jakin behar dugula. Historia ezagutzea beharrezkoa dela. Batez ere, ez esatea bere historia ezagutzen ez duen herri bat kondenatuta dagoela historia errepikatzera, pitokeria bat iruditzen baitzait hori, sententzia bezala ongi ematen duena baina edukiz hutsala, eta gezurra. Esan baitaiteke, fidagarritasun berberaz, bere etorkizuna bilatzera ez doan herri bat kondenatuta dagoela beti bere historian bizitzera. Kataluniako biztanle asko aurrera begira izan dira joan den asteburuan, eta hala daramatzate hilabeteak. Etorkizun bat eraiki nahian ari dira, eta arerio oso txarra egokitu bazaie ere, ari dira. Espainiako hainbat tokitatik eta bereziki medioetatik jasotzen dituzten erantzunak aztertuta, gainera, ez dirudi gaizki ari direnik. Badut nik eszeptizismo zama bat mugimendua gidatzen duten agintariekiko errezeloagatik, kontserbadore asko dago hor, daukatena kontserbatzea larregi maite dutenak, baina behintzat aurrera begira ari dira. Historia asko gustatzen zait, gainera. Bereziki gurean, non hainbeste poz une ematen digun, eta hala, tarteka deskubritzen dugu Erdi Aroko dokumentu bat errege eta Aitoren semeen tratuei buruzkoa (alabak etxean egoten baitziren, lanean, gu matrilineal marraztu nahi bagaituzte ere), zeinaren tintarekin gure herriaren marrak birmarrazten diren; eta inoizka patua benetan aldeko suertatzen zaigu eta duela 14.000 urteko bi hagarekin topo egiten dugu. Eureka! Han geunden gu, bueno han ez, hemen geunden gu, duela 14.000 urte! Hagagileek protoeuskararen sintagma batzuk ahoskatzen zituztela esaterik bagenu, arraioa, orduan bai festa erraldoia. Eta ondo dago hori dena, ni ere joango naiz seme-alabekin museoren batera hagak eta kometa-harriak ikustera, baina nahiago 14.000 izan gabe, hemendik urte gutxi batzuetara hemen jarraituko dugun jakitea, Ezkuztako koba tren edo errepideren batek eraisten ez badu. Eta hemen bainoago, jakitea duintasunez izango garela. Ziburun duela 14.000 urte zein atzizki sistema baliatzen zuten baino, hemendik urte batzuetara euskaraz normal mintzatu ahalko diren jakiteak arranguratzen nau, argindar generadore bat erabili behar izan gabe. Gure egunkari hau —eta beste medioak— zeinengana iritsi ahal izango diren, izan ahalko diren, irismenak gorabehera. Eternamente Yolanda ez dela jakin dugularik, eguzki sistematik ateratzeko ez baina egitura batzuk eraikitzeko gai izatea nahiko nuke, eternamente navarra izan ez dadin. Eta abar. Aurrekoa izan ez balitz bezala joan nahi dudala? Ez, noski. Ni ere ez nago ahanzteko Martin Villaren emaitza-politikak. Nik ere memoria aldarrikatuko dut eta kereila sinatuko. Baina aurrera begira. Eta behingoagatik gure esaera zaharren kateak hautsi. Atzeak ez du erakutsi behar aurrea nola dantzatu. Dantzatu behar da norberari irteten zaion moduan, unean, tokian, lagunekin, eta ez bakarrik aurreskua (eta dantza gehixeago eta footing gutxiago ere aldarrikatuko nuke gure kaleak milaka herri zapatillek zapaldu dituzten honetan, baina hori beste artikulu baterako da). Izarren hutsa 2014-11-29 Larriki saritua» esaldia erabiltzen dugu batzuek, sariak banatzen direnetan, batik bat literatura alorrekoak eta espresuki lehiaketa bati dagozkionak. Udazkena garai oparoa da. Eta bestalde, idazleak egunotan medioak okupatzen ari dira, Durangoko Azoka dela medio; eta urtean zehar hainbat ekitaldi serio eta kulturi, batez ere kultu asmoa duenari, distira emateko baliatzen dira idazleak. Nahiz eta dirua beste batzuek eraman. Izarren hautsa futbol zelaietako soropiletan eta jatetxe txit glamurosoen baratzeetan —izpilikua eta ezkaiaren artean— loriagai bihurtzen den herri honetan. Baina gaur ez dut literatura sariez hitz egin nahi, larriki sarituez baizik. Eta larriki zaurituez, bereziki. Edozein arlotako sarigintzan bai baita elementu komuna: saria ematen duena ohoratzeko balio du, batez ere, sariak. Denis Mukwege ginekologo kongotarrak jaso du Europako Parlamentuaren Sakharov saria, eta harro egongo da, legebiltzarra diot, halako pertsona bati saria eman izanaz. Ez dakit Mukwegek bere burua larriki saritutzat emango duen, baina larriki zauritutako emakumeak artatzen eta defenditzen hainbesteko lana egina duen medikuak izango du errezeloa, saria bai eman diotela, Estrasburgoko Legebiltzarrean ohoratu dutela eta emozioz jarraitu bere diskurtsoa, malkoak isurtzeraino, baina errezeloa izango du, diot, entzun dizkiotenak ahaztuko zituztela gehienek Sakharov sariaren egun seinalatua ospatzeko afaltzera jatetxe batera joan zirenerako. Izardun jatetxe batera, jakina. Eta izarra ez, satelitearen B aldera itzultzean, Bukavuko Panzi ospitalera itzultzen denean, sarituak zaurituak izango ditu zain: bortxatutako emakume eta haurrak. Izarrak, han, soilik marrazkietan minarekin lotutakoak dira. Min handia eta asko, eta izar gutxi. Dozena erdi lerroburu egiteko esaldiak bota zituen Mukwegek saria jasotzean, emakumeen aurkako indarkeriari buruzkoak gehienbat. Kantu pop baterako letra izan zitekeena, «emakumearen gorputza gudu zelai bihurtua da», aiztokada da, haren ahoan, haren eskarmentuaren argira. Bortxaketa gerra-arma eraginkorregia bihurtua dela salatu zuen, «eraginkorregia», eta gordin deskribatu —nola bestela—, emakumezkoek jasaten duten bortizkeriaren latza. Munduko tokirik aberatsenetakoa izanik Afrika, munduko pobreena dela gogoratu zuen. Arrazoi ekonomikoak daudela gerra horren, eta beraz bortxaketa horien oinarrian. Eta harrikada-esaldiak: bakea ez da posible garapen ekonomiko eta sozialik gabe. Eta emakumezko hauei egindako kaltea, eragindako mina konpondu gabe. Izarra bera izan zen goiz batez —gizonezkoa hau ere, hori ere egia da—, eta txaloak berari, baina txaloa baino laztana eskatu zigun Kongoko emakumeentzat, eta bostekoa, laguntzazkoa, eta batez ere ukabila, hura gertatzea ahalbidetzen dutenentzat. Zeinek ez dituzten zakilak Kongon dantzatzen, askoz hurbilago baizik. Txaloak Mukwegek jaso eta izarra paparrean Europako Parlamentuak jarri zuen. Armadako jeneralek ere jartzen dituzte. Eta Munduko Txapelketako irabazleek elastikoan. Futbola. Gerra. Batzuetan ez da erraza biak bereizten: ez alferrik, gerra futbolaren luzapena baita, baliabide belikoekin burutua. Gizonezkoon afizioak, eta ofizioak. Futbolaz ari naizela, jaurtiketa bat gaurko areatik kanpora bada ere: Osasunaren «zorra berregituratzea» erabaki du Nafarroako Legebiltzarrak (UPN, PSN eta PPN). Normala: herrialdearen ordezkaria da, saritua, izarrek osatua (une honetan distira apalekoak izanagatik), zorra berregituratzeko ez ezik estadioa berregiteko ere gure babesa, txaloa eta bostekoa jasoko duena. Gizonezkoenak, behintzat. «Zorraren berregituraketa» eska dezatela etxetik botatzera datozkienak ere. Hori nahi dutela haiek ere, eta zorra puskaz txikiagoa dela, berregituratzen oso erraza. Baina badakigu bankuen erantzuna: izarren mantapean lo egitera bidaliko dituzte. Hori ere ederra da, pop kantu bateko letra denean. Eraginkorregiak 2014-12-13 Amerikako Estatu Batuetan ez dakit, baina munduko estatu barreiatuetan izan al du zalapartarik CIAren torturenak? Gehiegi ere ez, mundua oso handia da eta informazioa toki orotara iristea ez da erraza, legez kanpoko atxilotuak aise asko iritsi izan badira ere. Europan bai, txalotu dute batzuek Guantanamo oraindik arropa laranjez beteta daukan Bakearen Nobel saria, Obama jauna. Hemengo betaurrekoekin ere egin diogu so hainbatek Espainiako hedabide zenbaitek izan duten erreakzioari, AEBetako Senatuarenak adinako, gutxienez adinako, sinesgarritasuna dituen txostenak asko baitaude Espainiako Estatuan tortura sistematikoa izan dela erakusten dutenak. Badakigu, baina, errazagoa dela auzoaren etxeko bañera ikustea etxeko urtegia baino. Endarlatsako urak, adibidez, duela 25 urte. Inori aditu diot ñabardurari erreparatzen, eraginkortasunarenari, baina ez askori. Kexu dira senatari demokratak atxilotuei eragindako tratuak, kriminalak ez ezik eraginik gabekoak izan zirela. Ez zutela maiz balio izan atentatuak saihesteko, informazioa lortzeko, terrorista gehiago atzitzeko. Ez dela eraginkorra? Izango ez da, bada! Beldurra eragiteko balio du, izua zabaltzeko, agintea nork duen erakusteko: zigorgabetasunerako. Gure errepideak oraindik ere, are udazken betean eta hostoak erorita, berdez janzten dituzten kontrol horiek bezala: bere alferrikakotasunean oso eraginkor. Hemen gaude eta ez daukagu joateko inolako asmorik. Eta zu, atxilotu jaun edo anderea, hemen zaude eta ez daukagu zu joan zaitezen inolako asmorik. Joan zaitezenean, gainera, irla karibetar honetako souvenirrak eramango dituzu. Beste galdera bat ere bada, gehiegikerien aldean ostenduta gelditzen zaiguna. Alegia, estatubatuarrak eurak noiz arraio joango dira Guantanamotik? Noiz ezarriko diote euren base militarrari blokeo behin-betikoa? Espainian tortura saio bikain askoak eragin dira, Poliziak eta Guardia Zibilak nahi izan duten moduan jardun dute. Euskal herritarrekin asko, letra larrizko gatazka baitzen hemengoa, baina baita besteekin ere: etorkinak, islamistak eta disidentzia politikoa orokorrean. Edozein herritar, hain zuzen ere, atxilotu bihurtzen den unetik, mozkortuta gidatzeagatik atxilotzen badute ere, beldurtuta egoten da. Ez dela eraginkorra esango dute gero. Eta aste honetan Segurtasun Legea onetsi dute, Senatutik pasatu eta indarrean izango dena. Hain zuzen ere Poliziari gure segurtasunaz arduratzeko ahalmen gero eta handiagoak ematen dizkiona, emanez, ahalmenekin batera, berme konstituzionalak kudeatzeko boterea ere. Egunkaria-ren itxiera euskararen aldeko ekintza izan zen bezala, manifestatzeko eskubidearen aldekoa omen da neurri hau. Seguru. Madrilera joan gabe, baina, askatasunari guraizeekin Gasteizen ere heldu zaio. Menpekotasunen Legea. Lehen ere jarduna naiz honetaz, baina dena debekua da, erretzea, edatea eta ez dakit zer gehiago ere galarazi nahi digute agintari txit kezkatuok, sotanarik gabeko apaizok, gure osasunaz guztiz arduratuta, gazteek txikitandik egin dezaten bizitza kardio-osasungarria, aratz eta garbia, biziorik gabea —bizirik gabea?—. Bazkari eder batekin ospatuko zuten gero legea ondo egin izana, ardo bikainak, koparen bat eta komunera buelta batek edo bestek. Seguru. Benetako menpekotasunak, dena den, agerraldi latzak izan ditu asteon Espainiako Estatuan; bortitz gurean ere. CIAkoen balentrien txostenean irakurtzen genituenak, itotzeak, loa galarazteak, sexu erasoak eta kolpeak heriotza eragiteraino, Guantanamon ez, gure kale eta espaloietan hainbat emakumek jasaten du. «Esa extraña latitud / que es ser muerta en vida», ostuko dizkiot hitzak poetari. Bizi bitartean hila, eta maiz, bizitzen hasteko asmoa agertzean normalean, eraila. Soinketa etengabea 2015-01-10 Ene uste harroan, 50 urteko gatazka armatuak, eta izan dugun bilakaera sozial eta politikoak lagundu digu ikuspegi kritiko bat lantzen, etengabe soinketa egiten, burukoa. Gertakizunen aurrean kritiko azaltzen —indarkeriazkoak eta erabaki politiko handiak, baina baita egunerokoak, sinboloak, jarduerak—, ertzak bilatzen, herrenak topatzen, leunen distiraz mesfidatzen. Hotsandiz eta lerroburu nagusietan aurkezten zaigun zalapartaren gainetik, eta batez ere azpitik, sinesgogor izaten. Aztertzen, arrazoiak bilatzen, bestearen larruan jartzen, epaitze edo gaitzeste hutsera mugatu gabe. Horrela, Charlie Hebdo-ren aurkako ekintzaren ostean, ezin gaitezke basakeria salatzera mugatu, eta beraz Mendebaldearen jarrera neokolonial eta inperialistak plazaratzen dira, Mali, Libia, Afganistan edo Irak, eta beste. Eta baita Parisko auzuneetako bizilagunak ere —racaille ziren haiek—, eta beraz aldarria egiten da Europako gobernuek pentsatu beharko luketela munduan zehar egiten dituztenek gorriz zipriztindu ditzaketela. Ez dezagula ahantzi zibil errugabeak asteazkenean Parisen baino kopuru handiagoetan hiltzen diren drone-en aroan bizi garela. Postkolonialismoaren ondoren, Ekialde Hurbilean Mendebaldeak izan duen politikak hazi eta gizendu egin ditu egungo gatazka armatu eta terroristak. Islamaren muturreko interpretazioak eta fanatismoak haizatu dira eta, lagunak eta etsaiak trukatzeko inolako lotsarik gabe, eremu horretan Mendebaldeak orain dituen aliatu indartsuenak dira jihadismoa sustatzen dutenak. Kouachi anaien maisuen diru-emaile handienaren etxera joango gara, urte batzuk barru, Munduko Futbol Txapelketa jokatzera (ezen salafisten armategiak ez ezik, mendebaldeko burokraten patrikak betetzeko ere ematen baitie emirrei)! Sua suaren bitartez itzaltzea lortzen ei da, baina sua eragin duen gaia ezabatu ezean, haizea alde duenean berriro pizten da. Lerro gutxi batzuetan arabismoaren, islamaren eta Ekialde Hurbileko gatazkaren berri ematea ezinezkoa da, baina laburrean: ekintza islamistak —nola deitu ere ez dakit— munduko ordenaren (zaharra zein berriaren) fruitu dira. Charlie Hebdo-ren aurkakoak, badu, halere, elementu gehigarri bat, ni aztoratzen nauena, biziki hunkitzen nauena. Jainkoarena. Profetaren mendekuarena. Morroi bat tren batean motxila bat leherraraztera eramaten dituen sakoneko arrazoiak aztertzen saiatuko naiz, ekintza basakeria irudituagatik ere. Saiatuko naiz fanatismo deitutakoaren azpian hazka egiten. Itu gisa karikaturagileak hartzen dituenarekin, ordea, ezin dut. Edo Theo van Gogh garbitu zuenarekin. Adierazpen askatasunarena da —horrekin ere zenbat hipokrisi segurtasunaren izenean askatasuna bezatzen den herrialdeotan—, bai, baina beste zerbait ere bai. Erlijioa, profeta, jaun goikoak… Tolerantziarekin erantzun behar omen zaie. Eta gogor borrokatu behar dugu etor daitekeen islamofobia, zigortze kolektiboak, Le Penen hazkundeak eta beste; ekintza honen harira egosten ari diren saltsan jada borborka suma daitekeen giroa, paranoia antiterrorista. Ados. Beste aldera pasatuko gara batzuk, ikuspegi kritikoak hara eramango gaitu, oraingo biktimen biktimengana. Baina tolerantzia, gauza batean, nik zero. Ekintza armatu bat bederen burutu beharko genuke: jainko guztiak behin eta betikoz akabatzea. Badakit hau ez dela erlijioa, politika dela, baina politikari fede kiratsa eransten zaionean… 50 urteko gatazka armatuak ikuspegi kritikoaz gain, zamarik ere utzi digu. Iritzi emaile askorengan sumatu dut ezin atentatuaren aurka hitz egina; esplikazioetara jotzea esplikazioen unetik aurretik ere, itzulinguruka ibiltzea, testuaz ahaztuta kontestualizatzea… Baina ez da arraroa: indarkeriazko zenbait ekintzarekin akritiko izan gara, izan da jende asko, eta patsa hor da. Orain ere kontra 2015-01-24 Zuzenbide Fakultatean ari ginela irakurri genion zigor zuzenbidean aditu bati herrialde baten demokratikotasuna neurtzeko modu egoki bat izan zitekeela haren zigor sistemari, espetxe sistemari erreparatzea. Espetxe sistema irekia zeukan Nikaraguaren kasua ekartzen genuen ahora batzuek orduan, sistema irekia zer eta gerraren erdian!, azpimarratzen genuen; badakizue, iraultza sandinistarekin liluratuta bizi ginen aroa zen, «la flor más linda de mi querer». Jihad bidaiarien garaiotan ez da txarra gogoratzea hainbat gazte europar joan zela Ertamerikara nazioarteko iraultzan parte hartzera. Pakito Arriaran bezala batzuk, azken muturreraino, elkartasun eta ilusio kilo pila batekin beste hainbat; AK-en distirak argituko zituen batzuk, baina nago gehienengan gerrilletarako joera beste asmo ederrago bat zela, itzaltzen joan eta urte batzuk geroago Chiapasen azken zaparrada utzi zuena. Militantzia turismorantz apur bat lerratua, ordurako. Ez nago, baina, iraultza eman eta zabaltzearen azterketa egiteko tenorean, arbolari bezala gizarteari sustraiak ere ito ote zaizkion aztertzeko asmoz. Nahiz eta merezi duen, hala iraultzarenak nola arbolarenak: metafora ona ez al da arbola ito izana, iragazteko gai ez den lur eskas batean, gehiegi edukitzeagatik? Ez nator 80ko urteen oroimina berritzera ere, aspaldian maiztxo egiten dena (ez ote dago joandako garaien gorespenaren atzean euren zahartzea barneratu nahi eza?). Zigor Kodea egungoa ordukoa baino gogorragoa da, askoz —eta hura ere gogortzat deitoratzen genuen—; baina, hartuko genuke? Kodea agian, bestelakorik… Berrituko baitzaizkit hamar eguneko atxiloaldiak, Herrera de la Mancha prisión de exterminio eta beste tortura latz batzuk. Funtsean aldatu ez direnak. Mudatu dira, polizien uniformeak bezala, baina esaera zaharrak dioen legez, Erroman ere poliziek borra. Ez dira gehiegi mehetu torturaren urteroko txostenak; hamar egunetik bostera jaitsi zen atxiloaldien luzera, baina infernurako bidaia izaten jarraitu du; eta sakabanaketa, preso gaixoak, bakartuak, 30 urte itzalean… Oroimina utz dezagun, beraz: ez dago atzera jo beharrik minez jarraitzen dugula esateko. Hauek, azken batean, zigor zuzenbidea bainoago gerra estrategiak dira. Zigor zuzenbidea tresna da Estatuak ETA eta horren anparoan disidentzia politikoa borrokatzeko baliatu duena. Erabaki militarrak izan dira —uniformea toga izanagatik ere—, eta gatazkaren intentsitatearen arabera moldatu dira. Eta orain atxilotuekiko tratuan leunago dabiltza, inkomunikazioa badirudi iraganeko mamu izaten hasiko dela, baina mailaketa da, eta Auzitegi Nazionaleko makro-epaiketekin segitzen dugu, eta larderia mugimendu batean 16 pertsona atxilotu zituzten Bilboko manifestazioaren ondoren. Bide batez: makro-epaiketa bat zer da zuzenbidearen perbertsio latza ez bada? Gu manifa baten ondorengo atxiloketak salatzeko beste manifabat egiteko gauza gara, eta zenbat jende!, baina, lagun batek esan zigun bezala, ez dugu meritu makala urtero halako subidoienzaputza metabolizatzen. Onar dezagun: estatua indartsu eta su-etenik gabe dela jarraitzen dugu, eta horri aurre egiten ez dugu asmatu. Diskurtso epikoak gorabehera. Zigor zuzenbidea tresnatzat duen politikaz gain, zigor zuzenbidearen kontzepzioa ere badago, halere. Egunotan Zigor Kodea berriro ere segurtasunaren errotara eraman dute. Bizi arteko kartzela zigorrak eta lerroburuetan azaltzen ez diren beste batzuk, estatu zaindaria eta herritar zaindua aurrez aurre ez, bata bestearen bizkarraren gainean astunago jartzen dituena. Askatasunaren beraren izenean askatasuna kamustu, irendu, eta prostituitzen dute, eta harro daude. Kontraterrorismoaren urakana bizi dugu, baina bada 80ko sandinistekin antzekotasunik: kontra orain ere beste aldean daukagu. Geneetan txertatuak 2015-02-07 Erresuma Batu aldetik dator notizia, seme edo alaba bat izan daitekeela hiru gurasoren DNArekin hazia. Eta hainbeste maite dugun debate etikoaren atea zabaldu zaigu. Haur transgenikoak —barka biezadate atrebentzia— munduratu ahal izatearena aukera handia da, handia diot mugak zedarritzea zail delako, eta zientzia fikzioa oso boladako ez badago ere —errealitateak ez dakit, erreality-ek janda baikaude—, diseinuzko haurren istorioekin jolasean jarri gara berehala. Ulertuagatik ere seme edo alaba gaixoa izatera kondenatuta dagoenaren esperantza eta poza, beti bestearengan dagoen Mengele doktorea etortzen zaigu akordura horrelakoetan, eta errezeloz begiratzen diogu jaiotzear dagoena tuneatzekoposibilitateari. Eliza kontra dago, hori jainkoen lana delako, baina hori jakina da. Niri pentsamendua urrutira joan zait, betiko tokira, mundua ez dela biribila ondorioztatzera, dena koska eta zuloa eta ertza delako. Lehen mundukook laborategietan haurgintza jakin-minetan gabiltzan bitartean, bi, hiru, lau eta bosgarrenekoak datozkeenekin baino bizi direnekin zer egin hausnarrean dabiltza. Genetikari esker ez, baina zientziak eman digun progreso izugarri eta izuarazlearen ondorioz munduan milaka familia eraldatu baitugu, familia horretako kide bat edo bi edo gehiago betirako erauziz. Esan nahi dut, demagogia merkeetan jausita —ba ote da demagogia garestirik?—, betikoan gaudela, mundura diseinuzko haurrak ekartzea baino daudenentzat merezi duen mundua egitera ez ote jarri beharko litzatekeen indarra. Ikerketa geratu gabe, noski. Sudanen goseak hiltzen direlako ez ditugu laborategiak itxiko, laborategiok itxita Sudango gosea ez dugulako berdinduko, besteak beste. Dena den, eta debateari helduta, ni aldaketa genetikoen aukeraren alde. Printzipioz beti hartzen dudalako elizak hartzen duen kontrako jarrera, hori nire DNAn dago, eta bestalde, ikerketa zientifikoaren alorrean arazoa ez dagoelako teknologian, teknologiaren erabileran baizik. Baina ez pentsa dena libre dela uste dudanik: lehergailu hipersofistikatuak egiten dituzten bata zuridunekin maiz akordatzen naiz, droneen teknologia garatzen dutenekin; haiek zientziaren izenean ariko dira baina, arraioa, ingeniaritza demonio horietan baino jardun zezatela meteorologian! Etorkizun itzeleko jarduera, bestalde, eguraldiak bizi gaituen gizarte arrano honetan. Haur diseinuzkoak egitearen arriskuez mintzo, gainera, ez dago oso urrutira joan beharrik munstroak topatzeko. Ematen du munstrokeriarako grina duela hiru milioi urtetik daukagula DNAn txertatuta, zutik jarri ginenetik. Are, paleoantropologoek nahi dutena esango dute, baina nik uste dut zutik jarri ginela hain zuzen ere hurkoari zartada handiagoa eman ahal izateko. Homo erectus-aren aldamenean homo zapaldus-ik topatu izanaren berri sekula ematen ez badigute ere (eta homo-aren azpian mulier-a, noski). Kaiolan erretako jordaniarraren irudia latza izan da, munstrokeriez dihardugula. Egia esan, koitaduari su emateko barrenak behar dira —gure plazetan herexe eta sorginei su emateko behar ziren berberak, bidenabar esanda—. Izua eragitea bilatzen dute eta lortu, eta krudela da ezin gehiago, baina —badakizue batzuek bainagintzaren alderdikoak garela— urrutira jaurtitako fosforo bonba batekin jendea kiskaltzea baino askoz krudelagoa ez. Gordinagoa, nahi bada. Lasai, dena den. Gure lurrak aste honetan estali dituen elurra bezala, urtuko da dena eta ahantziko zaizkigu kontuok hurrengo denboralera arte —aurrez, bitartean eta ondoren zehaztasun ñimiñoenarekin kontatuko zaigun denboralea—, eta elurrak atzera estaliko du dena, eta hura ere urtuko da, eta hurrengora arte, kiribilean gora, DNA katea bezala. Ez egin negarrik 2015-02-21 Garaiak edo eguraldiak hartaratua izango da, baina jendea oso gaizto dabil. Agintari izateaz baliatuta eta, batez ere, agintariaren lagun edo senide izateaz baliatuta gizendu direnen zerrenda handia da, bai, oso handia eta handia ez ezik ospedunez betea aspaldian, eta espetxeak gorbatadunez gero eta josiagoak daude —gaizkile arruntak kexu omen dira, tokia kentzen ari zaizkiela trajedun hauek guztiak—, baina ez da zilegi hori oinarri hartuta orain agintari denak jopuntuan jartzea, jarduera publiko guztiak zalantzan jartzea, horretarako benetako froga-elementu edo ezagutzarik izan gabe. Hiriko izeneko proiektu horretan diru publikotik ateratako hemezortzi milioi euro jorratu dituzte, bai, eta azkenean autorik ez da atera, bai, baina emaitza al da ba kontuan hartu beharreko gauza bakarra? Ez al zen, bada, bidea inportantea? Kultura eta batez ere euskarari makina bat diru eman izan zaio, ematen zaio, eta non dira emaitzak? Nori eskatu behar zaizkio kontuak? Euskaldundu al dugu herri hau? Ez. Ez dugu euskaldundu eta gainera euskaldunek berek borondate askirik erakutsi ez dugulako, besteak beste. Artzek idatzi eta gure hormak apaindu zituen esaldiarekin ez gaitezela ahaztu akordarazi digute, gugan dagoela arazoa, euskaldunongan, gure artean zinez ez dugulako erabiltzen euskara. Gure artean espainolez aritzen gara baina medikuarengana joan edo ertzain batekin topo egiten badugu orduan egoskor jartzen gara euskaraz egin diezaguten. Beste batzuek aspaldi jarria zioten horri izena: borroka-tresnatzat erabiltzen dugu euskara, elkarbizitzarako beharrean. Hemen BERRIA-n aste honetan bertan irakurri ahal izan dugu gutun bat, herritar batek Irunen udaltzainekin eta ertzainekin izandako abenturez, berak euskaraz egin ziezaioten nola egoskortu zen, telefonoaren beste aldean zeukan funtzionarioaren hizkuntz askatasuna errespetatu gabe, temoso euskaraz, eta harritu ez ezik ernegatu egin zen deia moztu ziotelako! Seguru telefonoa eskegi eta espainol cervantestarrez komentatu ziola gertatutakoa bere bikoteari. Bikoterik baldin badu! Halako izaera itxi eta gaiztoarekin ez baita batere segurua, kontrakoa baizik: bikotekiderik ez edukitzea normalagoa litzateke. PSEko gazteek ere aste honetan jarri diote txapela gai horri —txapela baino kapelua, bixera, buru-estaltzaile ez-etniko bat—. Ohartarazi baitigute zein gaizto hartzen ditugun erdaldun elebakarrak, erabateko diskriminazioz. Arrazoi dute: gure jarduera gehienetan euskaldunok ele bietan edo hirutan egitera iritsi gara —lanean, kantuan, antzerkian, liburugintzan…— eta anaidi ezin egokiagoan ibiltzen gara euskaldun eta erdaldunok batez ere kultura alorreko sarao-etan, baina gero, distantzia motzenetan, banan-banako horretan, batzuk egoskortu egiten dira euskaraz egiten. Parekoaren askatasuna urratuz. Eta horixe da balio gorena gaur egungo gizartean, ez dezagun ahaztu: norberak nahi duen hizkuntzan jarduteko askatasuna. Azken asteetan gehiegitan suertatu zaigu hizkuntzarena hizpide, eta ez onerako. Herenegungoa dugu azken berria, ordea, positiboa, Nafarroako Euskararen Legearen erreformarena, eta horiek ere agertu beharko ditugu, beti erosta jotzen ibili behar izan gabe. Arrazoi. Utzi behar diogu negar egiteari. Egin behar dugu buila, eta zarata, eta orroa. Txapelik gabe, bai. Baina baita bixera edo foulardik gabe ere. Edo guztiarekin, bakoitzak nahi duenarekin. Norberak nahi duen hizkuntzan jarduteko askatasuna izan dezan. Euskaraz jardutekoa, besteak beste. Bizitza, ez biziraupena 2015-03-07 Beti harritu nau zientziak gu liluratzeko duen gaitasunak. Ikerketa zientifikoen emaitzek, aurkikuntzek. Matrailezur baten zatia, lauzpabost hortzekin, topatu dute Etiopian, eta esan digute 500.000 urte zaharragoa dela gure arraza. Ez du gure bizimodua deus aldatuko, baina ni behintzat liluratu nau. Esan digute, halaber, Martitzen 1.500 milioi urtez urak estali zuela planeta, baina ez zela bizitzarik sortu, Lurrean denbora gutxiagoan gertatu bezala (konparazioa nire terrenora ekarriz: ez zen bizitzarik sortu; ura bakarrik eduki zuten, ardorik ez). Harriduraz eta jakin-minez irakurtzen ditugu bata zuridunen aurkikuntzak eta, gehienok, onartu ere onartzen ditugu kontatzen dizkiguten bezalaxe. Batzuek fedea baitugu, kontraesana izanda ere, Zientzian. Onarpenak bai baina lilurak ez du, halere, gehiegi irauten, aldameneko albisteek fede horren zimendu lokatzezkoak agerian uzten baitituzte. Milaka hildako eta gaixo eta horrek dakarren triskantza kontrolatzen hasiak direla irakurri dut, Liberian, ebola birusaren izurritean. Eta hor bata zuridunen lana laudatzen dugu, baina odol eta txizaz eta mukiz zikintzen direnena. Ez laborategikoena. Ez behintzat batarik gabeko haien nagusi maletatxodunena (gorbatadun idaztera nindoan, baina eutsi diot, gorbatadunak gizonezkoa adierazten baitu —derrigorrean hala behar ez badu ere—, eta ez du nahitaez hala izan behar. Susmoa dut, ordea, hala izango dela. Emakumezko gehiago egongo dela laborategian, azken solairuko moketetan baino. Eta daudenak, batzuk moketa garbitzen eta besteak soldata txikiagoarekin! ). Izan ere, aurkikuntzek lilura gaitzakete, baina bata zuriaren distirak ez gaitu itsutzen. Uniforme kakien menpean egon izan baitira, haien anparoan hazi dira, hazten dira. Konkista eta eboluzio militarrak gararazi du zientzia eta teknologia gehien. Aste honetan Txinan nazio batzarrean ari dira, eta hantxe aurkeztu dira aurtengo aurrekontuak. Partidarik handiena militarra da, gehien emendatu dena gainera, erakutsiz Txinan ez direla batere arraroak. Bigarren handienak eman dit atentzioa, Zientzia eta Teknologiaren atala baita, hezkuntza, osasungintza eta holakoen gainetik. Susmo osoa dut, ordea, bigarrena aurrenekoaren segida dela. Eta ikerketa teknologikoa industria eta armagintzarekin lotuagoa izango dela sagu txuri eta minbiziaren aurkako lasterketarekin baino. Eta galdera erraz eta apur bat demagokikora etorri ohi naiz holakoetan. Zientzian asko aurreratu dugu, eta Australopithecusaren genoma dakigu. Ordea, Etiopia oraindik ez zeneko hango lurretako gizaki haiek zoriontsuak ziren ba ote dakigu? Ez, jakina. Ez dakigu zoriontsuak ziren, eta ez da inportantea. Oraingoak zoriontsuak garen da inportantea, izatekotan; edo ez. Aldarrika baikenezake aurkikuntzak eta aurrerapenak oro alferrik direla azken xede hori ez badute; baina litekeena da ezetz. Jendeak zoriontsu izatea ez edukitzea bere helburu nagusien artean. Hori esateak ondo ematen du, baina agian ez da hola, apika itxura hutsa da. Zoriontsu izateko aukera ematea ezin dugu, ordea, helburuetatik jaitsi. Guztiek eduki behar ditugu jatena, etxea, bizitzeko gutxieneko baldintzak. Horrek behar du xedea. Gero norberak erabakiko du zoriontsu izan nahi duen. Zoriontasuna ez dakarrela edukitzeak? Ez, noski. Baina gutxienekoa edukitzeko aukera ezinbestekoa da, denontzat. Pertsonak bizitzea, ez bizirautea. Mila eta gehiago dira Euskal Herrian kalean gauero lo egiten dutenak. Ez da hainbeste. Baina gehiegi da milaka etxe huts edukita. Otordu bakarra eta gainera emandakoa milaka batzuek egiten dute. Ez da exajeratua, baina izugarri da hainbeste ogi edukita. Eta abar. Holako langintzetan jarri beharko genituzke bata zuridunak. Ez, barka. Haien eraikinetako azken solairuetakoak. Maletatxodunak. Gorbatadunak. Lekuak egin eta kentzen 2015-03-21 Ez neukan itxaropenik 2016ko Donostiako kultura hiriburutzak ezer handirik utziko zionik ez hiriburuari, ez probintzia nunquam superata-ri, are gutxiago Euskal Herriari. Bere garaian esan genituen esatekoak, kultur hiriburutzak, green kapitalek eta antzekoek zer izaten duten atzean, oinarrian: joan den osteguneko aitaren egunaren tankerako zerbait da, baina handiagoa, hiri bati dagokio, eta komunikazio gabinete moderno batek antolatuta. Hori bada, ez niola kulturaren lurra ongarritzeko ahalmen handirik ikusten inbentoari. Lorerik bai. Izan da eta izango ekitaldi mordoa, jendearen ikusgarri, gozagarri eta haietan parte hartuko duten sortzaileentzat pozgarri, sortzaileak horixe behar baitu, sortzen duena erakutsi eta partekatzeko abagunea. Kontua da sortu ahal izateko baldintza egoki eta duinak eta iraungo dutenak ere behar dituela, eta horri ez dio egingo, ene ustez, ekarpenik ebentoak. Kontsumoa da, ikuskizuna, gutxiago sormena, zimenduak. Ordea, kultura ekoizpen edo sorkuntzan edo ikuskizunean baino, bestelako uretan dabil orain ere hiriburutzaren barkua, olatuek gogor astinduta. Gaztari orok kendu nahi izan dio zatitxo bat, eta ez dago denentzat, eta batzuek gehixeago hartuko dute eta… hortxe ikusten dut azken xextraren funtsa: gaztaren partiketan. Kultura alorreko arrangura gutxi, ezpada kudeaketa alorrekoa. Gure gramatikak aspaldi erakutsi ziguna: nork nori zer. Eta horixe da, hain zuzen ere, nik espero izan gabe hiriburutzak utziko duena: hasieratik bertatik egitasmoaren ez inguruan, gunean baizik, izan den lehia, polemika, zalaparta. Ez, ordea, gure balioak eta barrenak hankaz gora jarri dituen artelan zirikatzaile polemikoren batekin, baizik eta proiektuaren zuzendaritzan izan ditugun borroka performance-ekin. Kulturarekin zerikusirik ez duen asunto bat!, pentsa genezake, baina badu, horixe baduela, kultura diruen banaketarekin zerikusi zuzenean jarria daukagun unetik beretik. Polemikaren oihartzunaz gain, besterik ere utziko duela? Izango dugu ekimen eta proiektu interesgarri batzuen akordua, eta kulturgile batzuei balio izango die dauzkaten egitasmoak gauzatu ahal izateko, baliatuz ohi baino diru gehiago izango dela. Eta hori berez ez da txarra, beti da hobea kultura egitasmoetan izatea aurrekontuetako gainkostuak —gabinete eta managerrengana ez badoa, bederen— AP-1eko obretan baino (kulturaren alorrean ere izaten da lagunaren patrika gizentzen duenik; baina diru gutxiago izaten da eta, bestean ez bezala, derrigorrean gizentzailearentzako bueltarik izan gabe). Badakit itsasontzia ere geratuko dela, antigoaleko moldean egindako ontzia. Albaolako jendearen lana asko estimatzen dut baina, zer esango dizuet, Erdi Aroko galeoi bat… Makina bat ontzi, bakaladero, merkante eta beste egin dugu gerora eta, hortxe dugu borroka latza, gure astilleroek ontziak egiten jarraituko duten; baina ezin diogu eutsi iraganaren tirainari, hemen ere: gure kultura antzinakoa, eta historia eta hizkuntza zahar hau… Denok dakigun arren iragan gloriosoenak ere ez diola euskal kulturari deus bermatzen. Egiteko daukaguna, horixe dela erronka. Bidegiko kontuak direla-eta Gipuzkoan «matonismo politiko» hitzak aditu ditugun asteon, gure ordezkariek hauteskundeei beha dagoeneko galtzerdian gordetako aiztoak ere atera dituzten honetan. Kulturaren alorra ere busti du metal hotsak, eremu horretan formak gehixeago zaintzen badira ere. Koldo Izagirreren ideia, kultura besteari lekua egitea dela, gogorarazi digu Lorea Agirrek lehengoan. Nire luzapena: kultur politika, berriz, besteari lekua kentzea (lagunari emateko). Aspaldian hala dirudi. Bizirik eta osasuntsu 2015-03-28 Guztiok izango ditugu ?kazeta hau irakurri edo gutxienez orrikatzen ditugunon artean? esperientziak Korrikaren inguruan, parte hartzaile edo ikusle gisa badarik ere. Korrikaren 5. edo 6. ediziokoa nik bereziki dut gogoan, gure herriko Kale Nagusia ?larunbat iluntzea zen? jendez lepo, ikusten eta txaloka, eta nola AEKri zegokion tarte gailur horretan Jordik eraman behar zuen lekukoa, eta lekukoa hartu eta han joan zitzaigun Usain Bolten pare, emozionatuta, ziztu bizian, eta jertsetik justuan heldu ahal izan genion, «lasai, motel, oinez joan hadi» esateko. Unea gozatzeko. Espeziala izan baitzen. Espeziala baita. Asko etorri dira geroztik, ordu eta desordu diferenteetan, edizio bakoitza bere berezitasunarekin, bere festarekin, jendetsuagoak, azken edizioetan askoz jendetsuagoak (eta gainera jende askoz sasoitsuagoarekin ?ez alferrik kiroldegiak kale eta taberna eta euskaltegiak baino askoz populatuagoak daude garaiotan? ). Urte haietan ere jende asko zeukan alde AEKren lasterketak, baina aste honetan haize eta eguraldi kontra korri egitea tokatu zaien bezala, garai haietan bestelako elementu batzuen kontra ere egin behar zen antxintxika. Orduan EAEn eta makina bat udaletan agintean zegoen alderdiak jarritako zangotraben kontra (orduan ere agintean zegoena, EAEn), hedabideen isiltasunaren kontra, boikoten kontra, azpiegitura faltaren kontra... Joan dira garai haiek eta mesede, noski, AEKrena ez ezik jada euskararen aldekoa den lasterketak babesa du nonahi, errekonozimendu handia eta halakoxea izaten da emaitza. Partaidetza izugarria izaten da eta oihartzuna itzela. Izenik akorduan ez dudan Grupo Correoko egunerokoek ere segimendu berezia egiten diote, ETBn albistegiak eta saioak, Ser irratian gaur egokitu zait notizia entzutea Bilborako falta ziren kilometroak aipatzen... Nahiz eta niri batzuetan eztarrian kolpe txikia egiten didan honek guztiak, eztarria handituta eduki eta tragatzea kostatzen zaizunean bezala, hau ona da. Guztiona izatea eta guztiok egitea euskararen alde, horixe nahi genuen, eta ez gaitezen orain ez patrimonialista ez esklusibista jarri. Ezta mendekati. Ni, besterik gabe, zurikeria batzuez ari nintzen. Erritu bilakatu da. Pentsa genezake ondo erromanizatu gabeko herri honen adierazpen singular horietarik bat dela, baina ez. Ez da erromanizatu gabea herri hau, askok kontrakoa nahi izanda ere, eta Korrikak ere badu euskararen aldeko beste festa batzuek daukaten errituarena, evento-arena. Asteon ikusi dut adibide pollita: mozorrotuta lasterka egin zuen morroi bat elkarrizketatu zuten ETBn. Pertsonaia xelebre-nahia, berrogeitaka maratoi eginak ei ditu, mozorrotuta, eta Korrika ere bai. Espainol txit cervantestarrean adierazi zuen hori dena, eta nik pentsatu nuen maratoi horiek denak prestatzen emandako denboraren erdia euskara ikasten eman balu... Baina bueno, ez gaitezen ezpain-mehe jarri, arineketan gurekin egitea hobea izango da kontrako norabidean egitea baino. Erromanizatuak gaude erabat, eta Korrika erritu bilakatua, bai, baina asko gara, nik uste, Korrikari kariño apartekoa diogunak: bereziki hunkitzen duen ekimena da, denetariko jendea martxan eta oihuka, lauzpabost peto eta furgonetak errepide galduetan, errepideak ere jarri gabeko orduetan jendea saltaka, lekukoa daramatenen emozioa... Espero dezagun erromanizatzen eta kiroldegietan gizarteratzen jarraituagatik ere, eutsiko diogula ekimen herrikoi, alai, pixka bat ero baina zoragarri honi. Baina ez fosil bezala. Korrika, AEK bera, eta beste hainbat ekimen militantziaz eta jende xume askoren lan eskergari esker atera izan diren egitasmoak dira, eta antzekoak eraikitzen eta aurrera ateratzen jarraitzeko kapaz izan gaitezen, ederra litzateke. Bizirik gaudela adieraziko luke, eta osasuntsu, derrigorrean ezer osasungarria egin behar izan gabe ere. Putreak funtsean 2015-04-18 Baimenik, lan kontraturik, bisarik eta antzekorik ez zeramaten Cristobal Colon eta enparauek Indien bila abiatu ziren hartan. Gurutzea, horixe omen zeramaten iraganbide gisa. Ematen duenez, artean izendapen hori ez zeukaten amerikarrek ez zizkieten eskatu ez baimenak ez bisak: beso zabalik edo harrika hartu ote zituzten, denetarik izan ei zen, eta guztiok dakigu nola amaitu zen, Eduardo Galeanok maisuki laburtuta: europarrok urrea eta zilarra hartu eta bueltan etorri ginen, gurutzeak eta Jainkoa han utzita. 500 urtek askorako ematen dute, eta ikasi dugu estatuak eta mugak eraikitzen, eta indarkeria monopolizatu eta dibertsifikatzen —armak betikoak bai, baina orobat legeak, auzitegiak, administrazioa…— eta beraz orain Afrikatik datozen konkistatzaileei ateak ixten dizkiegu (ez baldin badatoz jet pribatuan edo golak sartzera), katez itxi ere, eta Europa den gaztelu aurreko foso bihurtua dugun Mediterranioan itotzen dira. Laurehun kolpe batean asko da, aste honetan hil direnak, AEBek gerra bat hasi eta biltegi militarrak berritzeko ez dituzte askoz gehiago behar, asko da baina, era berean, 500 urteren ondoren bizimodua askoz abiada biziagoan doa munduak bere buruari buelta eta eguzkiari bira emateko lehen hartzen zuen denbora hartzen badu ere. Eta azkarrago bizi gara eta berehala pasako zaigu 400 horiena, laster ordezkatuko dituzte beste laurehunek, baina bitartean guk bista beste ur batzuetan jarria izango dugu. Arte-lanak geldituko dira, hori behintzat. Liburuak, filmak, dokumentalak, instalazioak, performanceak, margolanak... tragedia salatuz, nahi ez zutela urperatutako horien guztien izu begirada eta amorruzko garrasiak entzun eta ikusi ahal izateko. Ez da asko, baina gutxi ere ez da. Eduardo Galeano izan da halakoen bozeramaile ibili direnetako bat, makina bat testu zoragarritan, historiaren anekdotarioan giza bizitzaren erretratua eginez, nagusi eta boteretsuen fokutik at. Grass ere bai, fikzioa baliatuz uruguaitarrak baino gehiago, bere garai eta espazioetara mugatuago. Munduak agur nola egiten dien ikusteak, batzuetan, irribarrea pizten dit. Eurek ere oso ondo zekitenez, agur eta ohore egiten baitiete euren idatzien jomugan daudenek ere. Botereak hori ere badu, dena irensteko ahalmena, eta agintariak maiz ikusten ditugu sortzaileak ohoratzen, haiek herri bati edo dena delakoari ematen dioten prestigioa goratzen. Ez dira konfunditzen, baina: sekula ez dituzu ikusiko sortzaile horiek salatzen dutena aldatzen, haiek proposatzen dituztenak egiten. Nazioarteko Diru Funtsak ez dut uste saririk edo dominarik inoiz emango zionik Galeanori, ez dakit domina edo sariak ematen ote dituen. Sariak bai, bere erara. Aginpideak ematen ditu. Estatuei —haien agintarien bitartez— esaten die zein neurri hartu behar dituzten Ekonomiaren bide zuzenetik joateko, eta delako estatu hori otzana eta maratza baldin bada, sarituko du. Greziarekin ari da borrokan adibidez, makila erakutsiz, ez baditu neurri zorrotzak hartzen —herritarrak itsasora joan behar izan gabe itoko dituztenak—, ez duela bedeinkapenik jasoko. Baina bedeinkatzaileak ederki dabiltza aspaldian: Strauss-Kahn, Lagarde, Rato. Patrika luzearen klubeko ohorezko kide, hirurak ere. Rato atzeman dute, bai. Baina kontua da otsoa harrapatzen dutenerako ardi guztiak janda dituela; eta ardi berriez hornitzen da saila —herritarren funtsetatik hartuta, jakina— eta beste otso bat jartzen artzain. Putre-funtsak deitzen zaie, oker ez banago, inbertsio-funts harrapari batzuei, espekulazio huts gordinena gidari hartuta ibiltzen direnei. NDF ez dakit haietarik den, baina putreen funtsa dela ez da dudarik. Putreak Funtsean; putreak, funtsean. Hizkuntzak letra larriz edo txikiz idazten uzten digu, eta bietan ongi ulertzen da. Larria ez baita letra, putre hauen jokabidea baizik. Ez da lehena 2015-05-02 Mania dute gertakariek sustrai okerrak bailiran gure zangoen artean trabatzeko. Pasaporte europarra dutenak izendatu eta gero, hondamendi edo istripu batean suertatuta, pasaporterik ez dutenei izena jartzen ez dutela asmatzen europarrek, idatzi zuen orriotan oraindik orain Iñigo Aranbarrik. Denengana ere ezin irits gaitezkeela, zioen, eta beraz Everesten magalean elurpean geratu diren mendizaleei eta trekkingean zebiltzan pasaportedunei erreparatu diegu batez ere, haien izenak jakin ditugu eta taxiz eraman New Delhiraino, eta ondoren hasi gara arduratzen Chomologmaren magaletik at elur eta harripean dauden nepaldarrez. Normala da, nork bere etxekoak kontuan hartzea aurrenik, eta hedabideek nepaldarren tragediaren berri ere ondo eman digute. Baina zein inportantea den pasaportea edukitzea. Pasaporte zuria! Herria erabat txikituta daukate —ze pena, ezingo dugu Katmanduko plazan argazkia atera, plaza historikoan alegia!—, eta deika ari dira mendi txangoetara ez, laguntzera joan gaitezen. Zuzenean, edo dolar bitartez, edo laguntza bidaliz. Seguru drone-ak ere eskertuko lituzketela, baina haiek lanpetuta dauzkagu Yemenen eta Pakistanen bestelako laguntzen garraiaketan. Ez dut uste Katmandun Maiatzaren Lehena ospatuko zutenik, atzo. Baina orain arte egingo zuten, ez alferrik gerrilla eta mugimendu maoista oso indartsua eduki dute, armak utzi eta politikara emana, mugimendu eta gerrilla zeinaren berri kosta zitzaigun izatea, haien mendiak «konkistatzera» joaten hasi ginela aspaldi bada ere. Hemen bai, hemen izan dira manifestazio eta martxak. Baina premia berean ez egonagatik, hauek ere behar dute laguntzarik, berrikuntzarik. Katmanduko plazak bezala amaitu nahi ez badute, behintzat. Euri langar xeheak beldurtzen ez zituela, atzo makina bat jende zebilen gure herrietan trekking-ean, paseoan mendian edo itsas bazterrean, bizikletan, surf taula gainean. Itsasoa eder zegoen, laño Gaviota plataformaraino —lehen sobera ere bai, laster geratuko zaigun plataforma bakarra!—, eta han inguruan promenatzen eta pedalketan zebiltzan guztiak manifestazioetara batuz gero kopuru majoak erdietsiko liratekeela pentsatu nuen. Beti bezala, nolanahi dela. Baina eguna okupatu zetorren: kirol konpetizioa ere ugaria zen, eskubaloi, errubgi, pilota eta futbol partidak aukeran. Maiatzaren Lehenean. Horrek benetan estonatu ninduen. Sindikatua, futbol taldea eta aurrezki kutxa bizitzan sekula aldatzen ez ziren hiru gauza zirela hazi ginen, baina aldatu da. Futbol taldea ez, horri eusten zaio, baina besteak... kostata baina jendea hasi da finantza erakundez aldatzen, eta sindikatuak ardura eta harreman sozialen mapatik desagertzen ari dira. Aldatu egin dira garaiak, amaitu da maiatzaren aurrenekoa langileen urteko egun nagusia izaten zen garai hura. Bandera gorriz kaleak betetzen zirenekoa, egun horretan inork lanik egiten ez zuen aro hura —salbu eta poliziak, kazetariak eta sindikalista prestu ekintzaileen bazkaria prestatzen eta seme-alabak zaintzen geratzen ziren emazteak—. Orain maiatzaren lehena jai eguna da, eta jai egunetan jendeak zeregin anitz ditu, eta askori tokatzen zaio lan egitea —ahaztu gabe sindikalista berriek ere bazkaltzen dutela eta zaindu beharreko seme-alabak dituztela—. Maiatzaren Lehenak langileen ondasun izateari utzi dio, gainera, eta irudi gogoangarriak erakutsi dizkigu: Front Nationalekoek urteroko festa egin dute Parisen, Jeanne D'Arci omenaldia eginez —munduko langileriaren alde egindakoagatik txit ezaguna—; eta Espainiako gobernuburuak Lanaren Domina jarri dio dauzkan euroak kontatu ere ezingo dituen kirolari bati —hau ere bere ekarpen obreroagatik munduan ezaguna—. Maiatzaren Lehena ez da lehen izan zena, baina gauza batzuk ez dira aldatu. Arrantza kuotak 2015-05-16 Umetako garaia ekarriko dio akordura inori Andamango itsasoak, Emilio Salgarik eskainitako abenturen oihartzuna. Tsunamiarekin gogoratuko dira beste batzuk, itsaso hauxe, besteak beste, zeharkatu baitzuen olatu erraldoiak. Hango uretan murgil egindakoak izango dira zenbait, Thailandia aldera oporretara joandakoak, itsaso honek blaitutako lur eta hondartzek eskaintzen dituzten edertasunak gozatzera. Eta izena ez zuen sekula entzun ere egingo, azkenik, beste askok. Han noraezean dabiltzanak ere ez agian: zertarako jakin hilerri izango duzun itsasoaren izena? Aste honetan irakurri edo entzun dugu guk izena, aspaldiko partez, hango uretan errari ibili diren itsasontziak medio. Nagusiki Myanmar eta Bangladeshtik hanka egindako jendea, ziento bat lagun hiltzeko zorian izan dira. Itsasora jo bai, baina porturik jotzen ez zietelako uzten. Malaysiak, Thailandiak, Indonesiak erabaki eta adierazi zuten itsasora itzularaziko zietela, ontziak bueltan bidaliko zituztela. Armadako ontziren bat hurbildu zaie, ura-eta ematera hilzorian ziren migratzaileei (hildakoak kareletik putzura bota zituzten ordurako); baina erreskaterik ez. Rohingya herrikoak dira gehienak, inoiz aipatu ditugunak, Myanmarren jazarpen latza jasaten dutenak. Gutxiengo etnikoa, musulmanak, Bangladeshera bidali nahi dituzte budistek, Myanmarren arrotzak direlakoan, eta Estatuak jazartzen ditu, kontzentrazio-esparrutan sartzen, eskubideak ukatzen… Giza eskubideen aldeko erakundeek salatua dute herritar hauen egoera, genozidioaz ere mintzo dira. Migratzaile ez ezik, errefuxiatu ere badira beraz, esan nahi dut gatazka politiko bati ihesi irtenak, baina ez dirudi hori estatu hartzaileei axola zaienik. Arrantzale batzuek erreskatatu dituzte oraingoan. Batek daki hurrengoan. Fokuak itzaltzean. Baina seguru hemen ere errudunak mafiak direla, giza trafikatzaileak. Eta ez da paradoxa txarra giza trafikatzaileez jardutea jakinik itsaso eta hondartza horietara joaten diren turistetako asko hango hankarteetan —haur eta nerabeak maiz— murgil egitera joaten direla. Holandarrak ez diren ontzi errariena ez da gauza berria, noski, baina gustura entzungo nuke Europako Batasunak zer dioen afera humanitario honetaz. Itsasoan galduta ez, utzita zebiltzan rohingya koitaduez kupitzea ona litzateke, Indonesiak eta besteek han duten jarrera bera baitute Mediterraneoan: migratzaile eta errefuxiatuei sarrera itxi. Baina ez daude geldi Europan: neurriak adostu dituzte. Zaintza zorroztuko dutela, eta mafiei ekingo dietela. Eskuhartze armaturako baimena ere galdatu diote NBEri! Mafiak ezabatu behar dira, denek dakigun gauza delako haiek direla egoeraren kulpante nagusienak, eta horrela konponduko dela arazoa. Ez dezadan, hala ere, egia ezkutatu, mozorrotu. Hartu dute beste neurririk ere. Mediterraneoko arrantza kupoak banatu dituzte: hainbat antxoa, hainbat erreboilo, hainbat hegaluze; estatu bakoitzari dagozkion kuotak. Estatu gehienak kexu dira, baina hara, oraingo honetan kupo txikiagoak nahi dituztelako. Jakina, ekuazioa zuzen entenditzeko antxoa, erreboilo eta hegaluze jartzen duen tokian siriar, sudandar, eritrear jarri behar da. Gauza bat daukate seguru xamarra: izan itsasoan izan lehorrean, marrazoen hortz-haginak dituzte patu. Mediterraneoan, Andamanen. (Zorteko dira, hala ere, migratzaileok, estatu txintxoek abandonatzen dituzte itsasoan; Ipar Korean balira, akaso artilleria antiaereoz fusilatuko lituzkete). Astelehenekoak 2015-05-30 Gertatuak gertatu, galdu ala irabazi, ez dago zertan gure burua amildu, erreka jo, ez da hain inportantea… eta bihar lanera igual-igual joan beharko dugu! Gaur gauean askok erabiliko duen argudioa da, Bartzelonan jokatuko den partida dela-eta hurkoa —baina benetan norbere burua— kontsolatu nahian, garrantzia kendu nahian. Argudio hauxe berau joan den igandean asko baliatu zela esanez abiatzekoa nintzen artikulua, eta orokorrean balio badu ere erkatzeak, ohartu naiz konparazioak baduela herren nabarmen bat. Izan ere, asko igande gaueko porrotaren ondoren lanera joan ezinik geratu dira. Tira, astelehenean bai, galduko duten bulegoa garbitzera, hainbat hilabetez karpeta guztien azpian eduki dituzten txostenak berriro gainean jarriz. Eta beste txosten batzuk, metaforikoki ari naiz, tiraderatik atera eta etxera eramanez. Kontrako norabidean beste hainbat: berriro ere zuzendari, zuzendariorde, aholkulari, komunikazio arduradun postuak hartzera. Hautetsi berrien lagunak eta lankideak eta sozioak inoiz baino astelehen atseginagoa izaten duten horietakoa izan zen azkena. Horiek kenduta, kirolaren eta hauteskundeen arteko konparazioak balio lezake. Herritar ez hautatuok igual-igual joan behar izan genuen astelehenean lanera, eta irribarrean edo begietako tristuran nabarituko zitzaigun zein ekipotakoak garen, datorren astelehenean bezalatsu. Hori lana dutenak, noski, etxetik kanpo lana dutenak. Askok igandean bertan ere lana egingo baitzuen, egunero bezala, gaur gauean eta bihar goizean egingo duen bezala. Emakumezkoak batik bat. Batzuk ez, futbolaren grina ergelak geroz eta emakumezko gehiago harrapatua baitu, baina oraindik ere nagusiki gizonezkoenak dira harmailak, eta urrats batzuk atzerago segitzen dute emakumezkoek. Ergelkeriaz ari naiz, jakina. Igande gauetik bertatik hasita, beti bezain harrigarria izan da hauteskundeen hirugarren denbora. Oso agerikoak direnak ez ditu inork zalantzan jartzen, esaerak dio denek irabazten dutela gau horretan, baina aurpegiei ez ezik adierazpenei erreparatuta ikus daiteke hori ez dela egia: batzuek onartzen dute galdu dutela. Kontua biharamunean etortzen da, derrotari ñabardurak egiten zaizkionean, herritarren borondatea interpretatzen denean, hautesleek zer pentsatzen duten argitzen digutenean politikari eta soziologoek, autokritikek poema modernista batek baino apaingarri gehiago izaten dutenean, kritikatzen dena zer den estaltzeraino. Eta herritarrok hartuko dugu deskantsua, baina ez luzerako. Uste baino askoz lehenago dauzkagu hurrengo hauteskundeak, eta atzera martxan jarriko da zirkua. Elkarri maiz leporatzen diote alderdiek hauteskunde-interesez jarduten dutela, ekintza edo erabaki zehatzen bat hauteskunde asmoz hartua izan dela. Pleonasmoa bihurtzen ari da hori: hauteskunde sistema honetan, arrotza hauteskunde asmorik gabeko ekintza edo erabakia topatzea da. Eta botoez eta adierazpenez eta bestelakoez atseden hartzen dugun bitartean, besteak hartzen du, ostera ere, gure arreta. XXI. mendeko opioak, inork asma lezakeen gizarte-anestesia eraginkorrenak: futbolak. Gaur gaueko partida dela-eta aldeko hitz batzuk esateko asmoz jarri naiz idazten, ebentoak dituen keria guztiak errepasatu eta tasunen bat azpimarratzekotan. Anestesia batzuetan ona ere badela, mozkorraldia ez dela beti ahazteko izaten... Baina azken bi egunetan Futbol Telebistak eta futbol irratiek nahi gabe ere harrapatu naute, ikusi ditut ziento bat haur elastiko iguala jantzita —zer da adoktrinamendua, hau ez bada? —, haurrak ez direnak ere bai noski, susmatu ditut erreportaia eta programa bereziak, eta barruko harrak galarazi dit alde idaztea. Telebistari begira jarriko naiz gaur gauean, ni ere bekatari, eta ahaleginduko naiz pentsatzen futbola ere badela, kirola ere badela. Eta astelehenean lanera joango naiz. Egunerokoaren literatura 2015-06-13 Ez surrealista frantsesen poemen lerroartean, ezta errealismoa magiaz janzten zuten Hego Ameriketako eleberrietan, are gutxiago absurdua oholtzara igo zuten antzerkigileen dialogoetan: errealitate antzaldatu, harrigarri, bihurritu, hankaz gorakoena eguneroko bizitzak eskaintzen digu, res publica deritzon hori kudeatzen dutenen bitartez. Periodikua irakurtzeaz ari naiz, albisteez, gertatzen denaz. Irakurtzea, lau urte beteko direnean ETAk su-eten definitiboa iragarri zuenetik, amnistia… Elizari emango diotela! Bai, bi notizia dira, diferenteak, baina estrabismo informatiboa gertatu zait, bigarrenean dagoen hitza lehenengoan nahiko nukeelako nik. Lehenengoan dagoen espiritua, berriz, Estatu egoskorrarena, bigarrenean. Baina ez, Hipoteka Legearen aldaketa egingo du Espainiako Gobernuak eta Elizak ezingo ditu bere izenean jarri, ez lehen bezain erraz bederen, eliza, ermita, parrokia, etxe eta lurrak… baina orain arte jarriak dituenak barkatu egingo zaizkio! Amnistia eta askatasuna. Errenta deklarazioan dagokion laukitxoan klik gutxiegi egiten direla irudituko zaie, nonbait, eta higiezinak bermatu zaizkie. Eta ni oraintxe hasi naiz higiezinhitzaren benetako esanahia entelegatzen: haiei xemeiko bat kentzeko aparatu juridiko hori higituko duenik ez dago. Beste amnistiaren berri ez dago: Parisko bilkura dela-eta egun batzuez fokua berriro jarriko zaio gaiari, lehen Gaia zenari, larritasuna letretan ere galdua duen horri. Ez da Madrilen inolako mugimendurik nabaritzen, ez baldin bada preso daudenei presoaldiak luzatu eta espetxeetako bezero berriak biltzeko. Prozesuari dagokionez, higiez jarraitzen du Madrilek. Eta hori ez da albiste surrealista, edo elipsia, hori notizia txarra da. Ez dago denerako geldirik, ordea, Espainiako Gobernua. Errealitatea antzaldatzeko genero fantastikoan ere jarduten du, eta, aprobetxatuz autonomi erkidego eta udaletan gestoreak izango direnak itungintzan okupatuta eta gu haiei begira gaudela, sektore elektrikoa arautuko duen dekretua prestatu du. Eguzkiari bide-saria jarriz. Hori ezinezkoa dela? Egin ezazu eguzki-panelen instalazio bat, zure baratzerako adibidez, edo etxerako, eta igarriko diozu, igarriko diozunez! Mendiari ateak ezin zaizkiola jarri dio espainolezko esaera batek, baina mendi buelta bat ematea besterik ez dago konprobatzeko gezur galanta dela, mendia atez, atakaz, langaz eta txarrantxaz josia dagoela. Eguzkiarekin, antzeratsu: zergapeko! Eta gainera, hauxe oraindik larriagoa, autokontsumorako ekoizpen elektrikoa galaraztea, trabatzea bederen, herritarrak konpainia elektriko handien bitartekaritza erabiltzera derrigortuz. Eta bide batez bono soziala deitzen zitzaiona, ezinean zebilenari argindarra merkeago ematen ziona, kendu. Dekretua, zer esango dizuet, kalanbre bat da bere osotasunean. Eta ministroa, Soria jauna, urte batzuk barru enpresa horietako administrazio kontseiluko kide bainoago, ohorezko kide izendatuko dute (eta Ciudadanoseko inor aldameneko aulkian, larri ibili! ). Fantasia eta surrealismoa ez ezik, fartsa ere iristen zaigu hedabideetatik. Zer da, bestela, Nazioarteko Diru Funtsak egiten duena? BEZa igotzea, despidoak merkatzea, eta koordainketa proposatu ditu. Atzera joango garela, bestela. Onartu beharra dago katxondo apartekoak direla morroi hauek. Atzera egingo dugula? Ezinezkoa da, barren. Ez dago tokirik: atzea beteta dago! Gaur Iruñean EH Bilduko hautagaia izendatuko dute alkate. Laster Uxue Barkos Nafarroako lehendakari. Eta abar. Amaitzeko tonu negarbera hartuko dut, errealitatearen lirika merkea, baina... Jaume Sisak garai batean kantatzen zuen qualsevol nit pot sortir el sol, eta, baiki, batzuetan ateratzen da eguzkia, gauez. Lapurretak 2015-06-27 UEUk eta Jakin-ek antolatutako atzo eta herenegungo jardunaldietan euskalgintzaz eta estatugintzaz jardun dute. Han esandakoak hona ekartzera ez nator, tokirik ez nuke, baina baliatuko ditut hari-mutur batzuk, nire solasa beste eremu batera eramateko bada ere. Zer on edo hobekuntza ekarriko lukeen euskal estatu independente batek —formak, mugak, edukiak zuetako bakoitzak jarri— izan zen hizpide, batik bat euskararen garapen edo sustatzeari buruz. Ez noa horietan sartzera, baina uste dut agerikoa dela abantailak lituzkeela, panazea ez izanagatik. Eta berdin beste alor batzuetan, baita printzipioz estatuen aurkako lubakian mugitzen denaren ikuspuntutik ere. Puntu zehatz batera noa, pixkanaka. Hanna Arendt aipatu zuten —besteak beste—, nola hark kontatzen duen talde txiki batek bortxaz menperatzen badu talde handi bat —gutxi batzuek eskola oso bat, jarri zen adibidea—, ez dela soilik gutxi horien bortxagatik, ezpada hori egiten uzten dion gehiengoarengatik, gehiago diren horiek utzi egiten dietelako. Antolatu eta erreakziorako gaitasuna garatu beharraz ziharduen hori esan zuenak, eta ulertu uste dut Arendtek dioena, erantzukizunak ez erasotzaileengan bakarrik bilatzen. Ordea, gutxi batzuk horiek metrailadorez, granadez eta pistolez hornituta datozenean, gehiengoaren erreakzioa pixka bat bederen zailtzen da. Eta ikaragarri konplikatzen metrailadore, pistola eta granada horiek zigor kode eta epaitegietako ebazpenek baimenduta iristen badira. Alegia, Polizia edo Armada baldin bada. Ez dut geldi eta otzan gelditzearen apologia egingo, ez, baina adibidea entzun nuenean akordatu nintzen berriki Auzitegi Gorenak berretsi duen epaiarekin, zeinak zilegiztatu duen 100etik gora taberna edo lokal konfiskatzea. Aurre egin beharko zaie, artikulatu beharko dira halakoei aurre egiteko mekanismoak, baina dudarik gabe euskal estatu edo dena delako independente batek asko lagunduko zukeen horretan. Aspaldi esana dut: Guardia Zibila eta Auzitegi Nazionalik ez lukeen erakunde horretan egote hutsak hobera pausoa emana izatea esan nahiko luke, ene ustez. Badakit Ertzaintza edukiko dugula, eta Foralak, edo Euskal Polizia Batu Orotarikoa edo nik dakita zer, eta haien ziega ilunak, eta hango eta hemengo epaitegi jator burugainetako ebazpen eta zigorrak; badakit, estatuarekiko kritikoen lehen lerroan kausituko nauzue. Baina egungo egoeran badaude gauza batzuk… Eta azkeneko larria lapurreta hau da. Hori baita Espainiako Estatuak egingo duena, lapurreta galanta eta lotsagabea. 100 eta gehiago elkarteri euren egoitzak ebatsi egingo dizkiete: legea eskuan, baina ebatsi (legea esku batean, bestean armak baitituzte). Zeina ez baita berria, estatuek beti egin izan dute —gureak ere egingo du— , estatu izan aurretik ere: arerioa zapaldu, zukutu, ondasunak ebatsi… Euskal Herrian azken urteotan adibide txit mingarriak ditugu, eta urteetan pixka bat atzera eginez gero adibideak bainoago ebaspenean oinarritutako sistema oso bat dugu. Estatua ez dela ororen sendabidea esana dut, seguruenik ezeren ez da sendabide; eta gainera batzuetan lapurrak estatuez gaindikoak dira. Galde diezaietela bestela greziarrei. Herodoto eta greziar tragedia izan ziren aipagai jardunaldien hasieran. Greziarrak pertsiarren aurka. Xerxes eta enparauak, ordea, ez datozkie oraingoan ekialdetik heleniarrei. Gaztelu eta jauregiak ez daude Pertsepolisen; Frankfurten, Londresen, New Yorken daude. Marmolari orain parquet deitzen diote. Baina, ordukoa bezala, lapurtua da. Kamioietan okela 2015-09-01 Bistan da askoz errazagoa dela trenetako segurtasun neurriak adostea kamioi frigorifikoetakoak baino. Azken batean, trenetan herritarrak goaz, Bruselatik Parisera doazen trenetan herritar zuriak goaz, ezin zuriagoak, eta beti ez dira suertatuko soldadu estatubatuarrak trenean eta errealitateari Hollywood ukitu ezinago autentikoa emanez, terrorista momentuan eta zuzenean menderatzea. Hortaz, bertako soldaduak jarriko ditugu eta kontrolak zorroztu halakoak soilik zineman ikusteko. Edo smartphonean, norbaitek bidalitako bideo biral horietako batean, betiere gure mugetatik urruti gertatua. Irudiak onartzen ditugu, nahi ditugu; irudietako protagonistak ez. Trenetan herritarrak joaten gara, eta kamioi frigorifikoetan okela, eta tarteka haragia. Egunotan zabaldu da argazki bat, hilarri batena, eta hildakoaren izenari dagokion tokian «Africano» jartzen du. Paperik ez dute, eta izenik ere ez. Etorkinak dira, afrikanoak, beltzak. Eta gu zuriak. Haiek pobreak, eta gu aberatsak. Aspaldian errepikatzen dugun kontua da, eta erosta merkearen tankera hartzen du kontuak. Azken batean oihu batzuk egin, artikuluren bat idatzi, agian manifestazioren batera joan, guasapeko irudia aldatu —sinbolo aldarrikatzailea jarriz, noski— eta gure oporren segidari eusten diogu, gure lanaren segidari —daukanak, bederen—, gure tren zurietan, gure festa zurietan, gure bizimodu zurietan. Batzuetan inpresioa daukat idazleak arrazoi zuela, ingurura begiratu eta denak aspaldi hilda gaudela, lurperatzeko txanda noiz helduko. Eta orduan zer egingo dugu, geure buruaz beste egin? Zertarako, jada hilda baldin bagaude? Hobe, Anarik disko paregabean esaten duenez, geure buruaz beste… bat egitea. Eta pasatzen zaigu sen nihilista, eta begiratzen diegu hor lanean dihardutenei. Immigrazio mugimendu honetan guztian lana egiten duen jende mordoa dago-eta, boluntario anitz, erakunde asko, jendea lan egiten eta lan egiteko prest. Antolakuntza egokiarekin, herritarrek erantzuten dute. Hain hilda ere ez gaude. Eta besterik ezin dugu egin? Bai. Oso egiteko garrantzitsua dugu, Hungaria edo Mazedoniako mugan bizi gabe ere egin genezakeena: haien tokian jartzea. Ez ahaztea ez dela denbora asko gu ere errefuxiatu izan ginela, maleta bat hartuta Espainiako eta Frantziako estatuen arteko muga igaro zutela milaka herritarrek etorkizuna hitz bat besterik ez zela, hitz itsusi bat. Haien tokian jarri, eta gure egunerokora ekarri. Gure egunerokoan, etxean eta kalean, berdin-berdin jolasean, eskolan, lanean, borrokan eta bakean, euskaldun zuri zoragarriak ez diren horiek denak nola tratatzen ditugun aztertu, haiekin nola harremantzen garen pentsatu, haiei buruz zer komentario eta txiste egiten dugun, aldamenetik pasatzen zaizkigunean poltsari fuerteago heltzen diogun, inoiz haiekin kafe bat hartu bai baina suhi edo erraintzat hartuko genituzkeen, ekitaldi handi bateko bideorako ez ezik asteburuko planetarako deituko diegun… Hortxe daukagu lan ikaragarria, guk geuk egin beharrekoa, guk geuk immigrazioaren fenomeno eta problema handi honen inguruan egin dezakeguna. Zabaldu beharreko mugarik handiena, norbere burukoa, bizimodukoa. Eta gero oihu, kexu eta manifak, jakina. Eta agintariei eskaria eta egurra, gogor. Errefuxiatuak, etorkinak, denak tren zurietan gure aldamenean tiketa normal erosita etor daitezen, mugi txartelarekin, etorkinak direnik ere ohartu gabe, nabarmendu gabe. Gu ere noizbait etorriko ginela, edo joan gaitezkeela, ahaztu gabe. Eta kamioietan haragia baino okela, autopsiarik behar ez duena. Irekiera eta itxierak 2015-09-15 Urte berria urtarrilaren 1ean ospatzen dugun arren —ospatu, gehienbat, bezperan, adin batetik behera behintzat—, hasiera-ekitaldien garaia oraingo hau da. Ikasturtea hasten da, eta eskola eta unibertsitateetan izaten dira ekitaldiak. Aurten EHUn ereserkia aldatuta —jaunari andrea gehituz, inoiz Olentzerori Mari Domingi bezala, eta jainkoa kenduz—, eta makina bat kantu sinboliko eta ereserkiri erronka jarriz. Eztabaida polita jarri baitute mahai gainean, «tradizioa» mantentze eta moldatzearen inguruan. Eta «polita» diodanean halakoa behar duela iruditzen zaidalako diot, garraztasunik gabea, espanturik gabea. Garrantzi handia du gaiak, parekidetasunak eta laikotasunak inportanteak ez, ardatz izan behar dute gizarte politiketan. Baina kantu edo ereserkien moldatzeak, letrak aldatzeak eta antzekoak EHUkoa bezalakoa egin daitezke. Aparteko zalapartarik gabe. Ez zarata eta liskarra maite ez dudalako, horrelakoetan zarata normalean alderdi matenzalera lerratzen delako baizik. Pasa berri den Hondarribikoa dugu adibidea. Normaltasunez duela 30 urte egin izan balitz, entzungo zen kontrako ahots eta madarikaziorik, izango zen momentuan haserrerik hainbat etxetan, baina pixkanaka (eta erakundeen bultzadaz, Maite Asensiok zuzen zioenez), seguruenik beste puntu batera iritsiak ginatekeen. Epaitegietako urtearen irekiera ere egiten da, ospatzen dute. Unibertsitatean ere bai agian, baina epaitegietan, ireki ordez ea noiz ixten den galdetzen du batek baino gehiagok. Uda aurretik etenik ez dute izan eta datorren udazken-negurako agenda egina dago, kirol egutegia bailitzan, noiz joan beharko duten hainbat euskal herritarrek Madrilgo epai-geletara, epaitegietako gelak ez ezik espetxeetakoak ezagutzeko arrisku handiarekin. Eta noiznahi, aste honetan bertan, sortzen dira terrorismoaren goratze inputazioak, urte osoko perretxiko bihurtuta dagoena, zoritxarrez onddoena baino ugariagoa! ! Hilabete barru lau urte beteko dira ETAk behin betiko su-etena eman zuela, armak utzi zituela, eta ez da sinestekoa horren ondorioak epaitegi eta espetxeetan konpontzen ibiltzea. ETAk berak eta armak uztearen pausoa eman zutenek bazekiten eta barneratua zuten noski erabakia hartuagatik —are hartzeagatik ere— ordainaraziko zietela. Eta ez dira asko kopuruz, nahiz eta zenbait mediotan —hau barne— oihartzun handia izan, baina hala ere… Bada garaia irailean (eta urrian, azaroan...) auzitegietako longainak telebistaz edo prentsan ikustekoa, ez bertatik bertara. Handik kanpo konpondu beharreko gatazkari dagokionez, bederen. Edonork baitaki, jurista izan gabe ere, bizitzaren edozein alorretan gatazkak ez direla auzitegietan konpontzen. Akaso han amaituko dira, baina nekez konpondu. Letra larriz idatzi izan dugun gatazka politikoarekin ez, baina gatazka erabat politiko batekin lotuta atzo bertan izan ditugu irudiak auzitegietatik. Kukutza gaztetxearen eraisketa dela-eta izandako istiluetan auzipetuetakoena. Gaztetxerik gabe geratu ziren, eta borren beroaz gain, salaketaren zama bizkarrean. Auzia erabat politikoa dela diot, gizarte-gaitzat jotzen dugulako, etxebizitzena edo azpiegiturena edo kulturaren alorrekoak bezala, baina zer da politika, hori dena ez bada? Politika da, azken batean, Tabakaleraren irekiera, halako batean ireki den horretan azkenean zer arraio egin eta egongo den oso ongi ulertu ez badut ere, nahiz eta artikulu eta elkarrizketa zenbait irakurri. Politika ez al da ba, egun batzuk lehenago Kortxoenea itxi eta eraitsi nahi izatea? Kultur politika da, Politika da beraz, letra larriz. Gizarte-eredua baita. Batere eredugarria ez izanda ere. Ereserkietako letrak baino askoz gehiago daukagu, oraindik, aldatzeko. Tankeak garajean 2015-09-29 Lantzean behin halako keinuak egiteko ohitura duen patuak bat eginarazi zituen Gudari eguna eta Kataluniako hauteskundeak. Gudari eguna ez da azkenean Gerra egun bihurtu, eta lekukoek diotenez Katalunian atzo gauzak ibili bazebiltzan, normal antzean, kataklismorik gabe. Astelehen latza edukitzea tokatzen zitzaionari, hala eduki omen du eta oso latza izan bada medikuarenera joan ahal izango zuen, eskolak ireki dituzte, europarrak dira oraindik kataluniarrak eta, gutxi asko, dena bazebilen. Messiren belauna izan ezik, zerbait anormala aipatzearren —eta larria, alajaina! eta guztiok deitoratzen duguna, Messi zein den jakin gabe ere, halakorik balego mundu zabalean. Tankeak, hortaz, garajean gelditu dira, eta Espainiak jarraitu ahal izan du armak Saudi Arabiara eta Egiptora saltzen Kataluniako balizko enfrentamendurako erreserbatu behar izan gabe. Venezuela zen lehen Espainiaren arma-erosle handi bat, eta ez dut uste alde horretatik Felipe Gonzalezek espantu handirik egiten zuenik. Kataluniatik Espainiari zetorkion hekatonbearekin oso okupatuta zegoelako izango zen, disidenteen abokatua. (Digresio bat: hekatonbea, Grezia Zaharrean, ehun idiren sakrifizioa zen —Anjel Errok menperatzen duen eremuan sartu naiz, barka Anjel—. Espainiako gonzaleztarrek eta objektibotasunaren paradigmatzat euren burua aurkezten duten hedabideek-eta ehun idi ez, lotsarik txikienak ere sakrifikatu dituzte demokraziaren aldarean abentura soberanista eroa salatzen. Hekatonbea izan izan da, beraz; nahiz eta gu ohartu ez. Grezia Berrian, makurragotzen dut digresioa, idirik apenas izango den eta herritarrak eurak dira sakrifizio-gai; eta hala ere botoa Tsiprasi ematen diote, kataluniarrek independentistei ematen dieten legez; behin eta berriro ekibokatuz, unionismo eta demokrazia errepublikar gorenaren guru diren aditu guztien ernegurako). Hauteskundeetan denek irabazten dutela topikoa bada, Kataluniako azken hauetan badute txanpon beraren bi aldeek aldarrikatzea garaipena, kutx zeukatenek bezala pil zeukatenek, biek altxaraztea garaikurra. Eta galdu dutenak ere badaude, nabarmen galdu dutenak. Esan bezala, unionistak pozik, ufff oso luze bat botata, botoetan ez delako %50a lortu, eta plebiszitu izaera ukatu dutenek horri heldu diote tinko, plebiszitua galdu dutela independentistek aldarrika. Hauek, berriz, zilegitasun osoz esan ahalko dute erreferenduma ukatu zietenei hauteskundeetako emaitzekin erantzun dietela, gehiengo nagusia lortuz. Denetarik dago analisietan, eta analisi asko, baina amorragarriena da ikustea zein lotsa gutxirekin erabiltzen dituzten orain boto-portzentaia eta kopuruak bestelako egoera batean holako gehiengo bat zilegitasun demokratiko absolututzat joko luketenek, jo izan dutenek. Prozesu soberanistarekin aurrera egiteko zilegitasun osoa badutenek, eserlekuen eta boto kopuruen arteko ika-mikan endredatu gabe, %50a ez dela lortu onartuta, lanean segi eta itxaropena kontrarioengan jarri ahalko dute. Kanpainan bezala, hauteskunde ondorengo lehen erreakzioei erreparatzea besterik ez dago ohartzeko independentistagile handiena izaten jarraitzen duela Espainiako estatuak. Estatu horren adierazle esanguratsuena den bat hartu nahi dut ahotan, amaitzeko: Espainiako Armada. Iraken atxilotuak jo eta torturatzeagatiko auzia artxibatu egin dute auzitegiek, kolpeen bideoa egon badagoen arren, bideoan ezin omen delako inor identifikatu. Soldaduek bideoa ikusi eta ez dute noski euren burua ezagutu, eta ez beste inorena. Normala da, oso zaila da zure lagun bat ezagutzea bizkarka baldin badago. Bizkarka eta atxilotu bat kolpatzen. Hemen poliziei ere maiz gertatzen zaie. Delitua egin den egun eta ordu horretan beste nonbait dagoen gaztea identifikatzeko ezinago gai eta espezialista diren horiexei. Besteak beste 2015-10-13 Egunerokoaren parazetamola eraginkorra da oso eta sendatu ditu gure orain hilabeteko sukarrak. Hedabideek errefuxiatu siriarren irudiak erakutsi zizkiguten, Serbia, Hungaria eta bestelako harresietan pareta jota, txarrantxetatik zintzilik, kamioietan itota, turisten toalla eta gorputz distiranten aldamenean Greziako hondartzetan lehorreratzen. Aylan Kurdi izenaz akordatzen? Oraindik bai, baina ez du denbora asko beharko udazkeneko haizeek memoriaren orbelpean estal dezaten —gogoratzen Kubako haur hartaz, AEBetara eraman edo ekarriaz, ez dakit jada zer zen heroi bilakatu zuten Eliancito hura…—. Sukarra, esan bezala, jaitsi zaigu eta duela hilabete ematen zuen gutariko bitik batek errefuxiatuak hartuko zituela etxean, gelak prest ere geneuzkan, baina honezkero… Bulkada zintzoa zela uste dut, baina haiek ez daude gure etxepean eta gu ere beste sukar batzuek harrapatu gaituzte, edo seguruago sukar ezak, eta bizitza aurrera doa. Hostoak orbel, datorren udaberrira arte. Errefuxiatuok nonbait izango dira, imajinatzen dut. Ea hurrengo uholdeak noiz zipriztintzen gaituen, ea zipriztintzen gaituen. Gehienez ere zipriztindu egingo baikaitu: Amnesty Internationalek dioenez munduko estatu aberatsek gehienera ere errefuxiatuen %20 hartzen dute. Hori bai, euro batzuk esleituko dituzte migrazio mugimendu hauek zaintzera. Dirua zaindariari emango baitzaio, ez diru-premiak bultzatuta —edo gerrak— ospa egin behar izan duenari. Gerran dagoenari dirua hartu egin zaio lehen, armen truke, orain kendu nahi zaizkien arma horien truke. Eta diruaz gain, bonbardaketak ere emango dizkiegu —selektiboak, seguru—, Errusiarenak ez izanik AEBetakoenak, Frantziarenak edo Erresuma Batuarenak bezain zilegi. Gezurretan ari omen dira Putin-eta, etxe alde, Assad alde. Eta seguru baietz, seguru hala dela. Besteak ez, txintxoak ez dira etxe alde ariko. Haiek gizateriaren alde. Izan dezagun fedea haiengan, Nobel saridunak gidatzen ditu. Edo finantzatzen, Yemenen egun batean bai eta hurrengoan ere bai eztei-ospakizunak txikitzen ari den Saudi Arabia bezala. Harrigarriena da oraindik ere jendea ezkontzea Yemenen eta Afganistanen: ezteiak aspaldi bihurtuak dira objektibo militar. Edo albo-kalte, MSFren ospitaleak bezala. Sentitzen dugu, oso penatuta gaude, barkamena eskatzen dugu. Amen. Eta segitzen dugu elkartasuna ereiten Ekialde Hurbilean. Ez zeuden tokian ere muturreko jarrerak sustatzen. Muturrekoak? Fanatikoak? Bai, hala dira hangoak gu zibilizatuon kontrara, odolean daramate. Harritzekoa ere ez dena, hainbeste gizaldi odoletan dantzan. Katramilatu naiz, baina, pobretutako uranioaren ketan. Uranioa ere pobretua bidaltzen diegu bonbetan, joko dituzten etxeen pareko izan dadin, pobre. Aipatutako Aylan kurdua zen. Ankaran sarraskitu berri dituzten ehunka lagunak bezala. Islamistak omen atentatuaren atzean, dio Turkiako Gobernuak. Eta eurak aurrean. Eta Turkiari lagundu behar zaiola dio Mendebaldeak, islamismoaren aurkako gerra horretan. Islamista muturrekoak izango dira, jakina. Eta lagundu beharrekoa Turkiako Gobernua. Jakinago. Kurduei ez diegu lagunduko, zertan, azken batean horiek ere edozein unetan muturrekotuko dira, eta terrorista bilakatuko. Turkiako Gobernuari lagundu behar zaio. Kontra egiteko laguntza behar duelakoan! Islamisten kontra, kurduen kontra… terrorismoaren kontra. Kontra-terrorismoa. Horretan asko daki Turkiako Gobernuak, gobernu guztiek, eta Ankarako atentatuaren DNAn horixe dago, muturreko islamista baten argazkia erakutsiko badigute ere. Baina terroristak besteak dira. Aiztoaz zazpi robocop israeldarri ekiten dien palestinarra. Air Franceko sindikalistak. Askapenako militanteak. Besteak, azken batean, beste dira. Mantetatik edredoietara 2015-10-27 Hego-haizeak garbitzen dituen zeruetan pasatzen dira, guk haiek garbitzen ez baditugu behintzat, egunotan, antzara eta ahateak, ube bat eginez, hegoaldeko lurralde epelen bila. Gure bizimoduetako isila haien zalapartarekin zulatuz, egunsenti edo gauetan, gure bizimoduari isilik egoten lagatzen diogun garai bakan horietako batean. Egunez pasatzen atrebitzen diren ez dakit, beste hegazti batzuk ere ibiltzen dira, jakinda edo jakin gabe —biologoek esango dute hori— epelerako bidean gure kazuelen beroa topatu ahal dutela. Antzara eta ahateak hartuko ditut hizpide, ordea, gure labeen beroa nozitzeaz gain, guri beroa emateko ere baliatzen ditugu-eta. Hizkuntzari kasu eginda izena Eider familiako hegaztiei kenduta, orain sintetikoak dudarik gabe, luma eta lumatxez betetako edredoiek estaltzen dituzte gure oheak. Etxe gehienetan izango dira, Barakaldotik hasi eta Baionako barraraino itsasoa laño baitago, eta etxeak Ikea, eta beraz (ia) denen eskura daude. Edredoiak. Eta hortaz, zenbait etxetan armairuren batean izango badira ere, gero eta gutxiago ditugu garai bateko mantak, tapakiak. Izan ere, gaur egun zerbaiten sinboloa baldin bada manta, tapakia, errefuxiatuarena da (kalean dvd-ak saltzen ibiltzen direnena ere, erantsi behar dut). Koittaduen bizkarretan ikusten ditugu, gris edo marroiak —garai batean poliziak bezala!—, hondamendietako irudietan ohikoen, baina baita errefuxiatu politiko eta sozialengan ere, eta egunotan Balkan inguruetatik datozkigu manta irudiak. Ez dauka zaila performancea egin nahi duen artistak, tapaki gris triste horiek baliatuta. Oinak lokatzetan, manta goibela bizkarrean, kanpamendura iritsi eta salda edo kafe katilukadak osatzen du argazkia. Letoizkoa katilu edo burruntzalia, jakina. Saharako kanpamendu lehorretan euriarena, eta tapakiena da uholdea egunotan Serbian, Eslovenian, han nonbait. Irudia ni neu egiten ari naiz, badakit, topikorik topikoenei heldu eta jezten ditut gure zain sentiberenak ukitu arte. Hala da. Badakit, adibidez, tapakiak maiz ez direla grisak izaten, metalikoak diruditen plastikozkoak jartzen dizkiegula uretan edo hondartzan erreskatatzen ditugunei; metalezkoak diruditen horiek, hildakoak estaltzeko ezagutu izan ditugunak. Premonitorioa ez ote manta bizkarrean jartzeko ekintza bera, dela artilezkoa dela plastikozko isotermikoa? «Tapakia jarriko dizuegu bizkar gainean gaur, leporaino; berandu baino lehen lepotik gora luzatzeko, erabat estali arte». Nondarrak dira ahateak, batetik bestera dabiltzanak? Jaiotzen diren tokikoak izango dira hauek ere. Edo akaso lumatzen ditugun lurraldekoak, sagar eta aranez beteta labeetan hilobiratzen ditugunekoak. Ala neguan epelera joaten diren lur horretakoak, batzuk azkenean bertakotzen direla gure aitona-amonak Benidormen bezala? Galdera ergela da, irudi topikoa bezainbat: ez dira inongoak. Siria, Irak eta Afganistandik irten dutenak bai: haiek badira nonbaitekoak, baina seguruenik ez dute hori orain kezkarik handiena haien epelerako bidaian. Bestelako bat izango dute ardura nagusi: mantak kendu eta edredoiak jantzi ahal izatea. Hala ikusten dut nik azken asteotan mundua, edredoia ere armairuan gordetzera eramango nauen berogailu zentraletik idazten ari naizela. Berogailuaren aldamenetik erraza baita argazki eta kameren fokua mantetara eramatea. Kentzea adina. Aspaldi esana baitago: fokua jartzea, argazkia enkoadratzea, jende eta objektuak foku edo koadrotik kanpo uztea baino ez da. Eta tapakiak, berotzeaz gain, zer egiten du? Tapatu, estali, ezkutatu. Deskonexioa 2015-11-10 Hitzak boladako egoten dira, jakina da, komentatu izan dugu hementxe bertan eta hainbat dira adibideak. Deskonexioa, horixe datorkigu orain. Telefonoak dakarzkit gogora, eta hariekin lotzen dut, argindarrarenak bezala gure burmuinean neuronen artean gertatzen diren kontuekin. Aparailu elektriko eta telefonoenak teknokontutzat utzita, bestea egin izan zait erakargarria. Konexio sinaptikoen haustura horiek, garuneko zirkuitu-labur horiek, batek daki nola deitu eta azaldu, ekartzen duten deskonexioa. Neuronen artekoa eta, ondorioz, pertsona horren eta (gure) errealitatearen artekoa. Jendea errealitatea beste era batera ikustera daramana, nik zalantza handia izanik benetan deskonektatuta pertsona horiek ote dauden —pastillaz otzantzen dituenak gure osasun sistemak, Gizarte Zerbitzuetako bezero, familia askoren zama latza— ala gu, normalok, konektatuegi; baina ez dut hori gaurko gaia. Ez da gure literaturan gehiegi baliatu izan den hitza, deskonexioa, apenas topa daitekeen adibiderik eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak ere ez du jasotzen. Aditza bai, deskonektatu, baina substantiboa ez. Pentsa dezagun, positiboak izanez, euskaldunok ekintza hartu nahi izan dugula aintzat, katalanen ekintza demagun, beste ezer baino lehen. Ekintza lehenbizi, eta gero horren emaitza, deklarazioa. Edo alderantziz. Berdin dio: ordena bata ala bestea, gauzatuz gero, bikaina. Eta gauzatze bidean ibiltze bera, ere bai. Prentsak baliatu izan du hitza, BERRIA-k adibidez, baina pare bat etsenplu kenduta, erabilitako ia denetan deskonexio zehatz bati buruz izan da: Gazakoa. Israelgo Gobernuaren erabaki bat izan zen, deskonexio-plana, hala deitua, non onartu baitzen kolono juduak Gazatik eta Zisjordaniako hainbat eremutatik erretiratzea. Duela 11 urteko kontua da, garai hartan gure orrialde eta informazioaren uhin-minutuak okupatu zituen hitz horrek —Israelek lurraldeok zeuzkan bezala—. Hitza gerora desagertu zen gure mapatik, informazio jardueren patua horixe baita. Israel Gazatik ez da desagertu; deskonektatu zen kolonoak Gazatik ateraz, baina orain boladaka urrutiko agingailuaz konektatzen da, ondorioa izanik Gazako komunikabide eta azpiegituren suntsiketa eta ziento batzuk herritarren errealitatearekiko deskonexio definitiboa. Deskonexio-ordena bestelakoa dugu, baina, atzokoan. Israel bera izan zen deskonexio-plana onetsi zuena, haiek utzi zuten Gaza. Alderantziz gabiltza orain: Katalunia da deskonektatuko dena, Espainia hariak eta batez ere loturak ez dituela askatu nahi gogor dabilen bitartean. Hari eta zubi batzuk deskonektatuko ditu —diruarenak, esan dute, eta normala da, gerra bateko lehen lerroetakoa izaten da ekonomikoa—, baina loturak mantentzearren. Loturak eta korapiloak, katalan asko estutzen dituzten korapiloak, Espainiak hori ikusi nahi ez badu ere. Ikusi bai, onartu ez. Israelen deskonexio-plana burutu zuen gobernuburua Ariel Sharon izan zen, akordatzen zarete?, zortzi urte eman zituen bizitza errealetik at baina erabat deskonektatu gabe, iaz arte. Deskonexio hori da, hain zuzen ere, nire hiztegian hitza honen erabilerarik usuena, ustez bizitzara baina berez makinara lotzen zaituen horretatik askatzearena. Eta horixe da Estatuak mehatxu gisa erabili duena Kataluniaren deskonexio deklarazioaren aurrean. Hilzorian geratuko zela Katalunia. Argudioak ez dirudi balio izan duenik, denek baitakite Katalunia ez dagoela gaixo, eta berriketa utzita ohiko konexio-bideetara jo dute Madrilen: Auzitegi Konstituzionala, 155aren mehatxua, diru-iturrien itxiera… Lurralde alorrekoak, bizitza artifizialarekikoak, telefonia sareetarakoa, errealitate gero eta burrunbatsuago honetarakoa… aplikazio-eremu desberdinei begiratuta, esango nuke gustatzen zaidala deskonexioarena. Ildo polita da, norbere burua definitzeko: ni deskonektista naiz. 40 urteko bakea 2015-11-24 Frankismoak adina urte, baten bat gehiago, iraun ditu post-frankismoak. Ondorenak. Ondorengoek ere iraun dute, batzuek besteek baino luzeago. Bidean gelditu dira herentzia batzuk, eraitsita zenbait, zahardadez haien kasa erorita hainbat, eta askok oraindik ere hortxe dirau. Zail zen pentsatzea duela 40 edo are 30 urte oraindik ere halakoez jardungo genuenik, baina hala da. Berrogei urte pasatu dira eta oroimenezko gehigarriak egiten dira hedabideetan, baina ez II. Mundu Gerraz, adibidez, egiten direnak bezala: frankismoarekin, pasa direnekin batera oraindik ere irauten dutenak gogoratu behar baitira. Irauten baitute, esan dugu. Kale-izenak eta monumentuak (Iruñekoa iraingarrienetako bat) daude, eta udal batzuetako alkateen margoak, baina batez ere haien inguruko eztabaidak eta defentsak segitzea, eta nola, da kezkagarriena. Gainditu gabe dagoela, zauria itxi gabe dagoela adierazten du horrek hain zuzen. Kontuak kitatuta baleude —kitatzeko bai baitaude kontu asko—, espantu edo zalaparta gutxiago sorraraziko luke hemengo plakak edo hango eskulturak. Baina berrogei urte geroago, kontuak kitatzeko daude: ardurak dauzkatenek, eduki zituztenek, ez dituzte pagatu… hartu ere ez dituztelako hartu. Altxamendu nazionala sustatu zutenek eta terrorea egikaritu zutenek lasai pasatu zituzten berrogei urte, eta ez okerrago hurrengoak. Ezta haien ondorengoek ere. Eta hura dena finantzatu zutenek eta hartaz ekonomikoki baliatu, horiek ez dira fitsik ere mugitu. Diosala aldatu dute, besoa jaitsiz, baina berberak dira. Eta diru, lursail, enpresa, ondare, negozio eta banku berberak dituzte. Auzitegietan honetaz hitz egin ahal izateko Argentinara joan behar izan da, berrogei urte geroago. Beranduago ere esango nuke, kasu honetan. Abituei berrogei urteko garbitualdiek frankismo usaina ere ez diete kendu, baina normala da nazional-katolizismoa izan baitzen diktaduraren oinarri ideologikoa —gehi boteredunaren laineza, mendeku-gosea...—. Eta oinarri horri dario hurrengo berrogei urteetan garbitzen asmatu ez dugun, utzi ez diguten patsa, eta kultura balioei, heziketari, adierazpen politiko-estetikoei erreparatu besterik ez dago. Nazional-katolikoak gara, oraindik ere (Abel Azkona artista auzipetu nahi dute ostia kontsakratuekin idazteagatik: akordatzen profetaren karikaturak egin ahal izatea askatasun gorenaren adierazpen zela duela ez asko esaten zutenekin? ). Eta frankismoaren lauzarik astunena, Valle de los Caídos-ekoa baino pisuagoa: bide-bazterretan, leizeetan eta batez ere senideen bihotzetako hutsuneetan lurperatutakoak, desagertuak, desagerraraziak. Desagertuen zama latza duen estatu bat… …orain demokraziaren paradigmetako bat da, askatasunaren aldeko akelarre beldurgarri honetako bultzagileetako bat. Egunotakoez agerikoenak esanak daude: Irak eta Siriako gerrak, industri militarraren aspaldiko mahukak —Boeing, Lockheed… manifestazioetan pankartei eutsiz joango dira, joango ez dira ba!—, Saudi Arabiarekiko hipokrisia eta lotsa, lagunak futboleko kromoak bezala trukatzea unean uneko interesen arabera (Al-Assad irtengo ote krisi honetan garaile? Erdogan, Iran...)... Ez naiz ni Parisko atentatuen aurka isilik geldituko, terrazan zerbeza hartzen ari zarela tiroka zaitzaten izugarria baita, eta finean Estatu Islamikoa deitutakoari ezin natzaio inolaz ere atxiki: ez estatua ez islamikoa ditut maite. Haiek ere ez ni, etsai naukate islamistek, eta estatuak maiz... baina ez naiz haien kontrako lubakian sartuko. Ni ez nago gerran. Eta ez naiz bakarra. Batzuk bakean daude, segitzen dute. 40 urteko bakean. Paparrean 2015-12-08 Madrilen El País edo Parisen Libération edo Londresen The Guardian-en aldarria kamixetan daraman inor ikusiz gero atzeraka eragingo lidake, zer dabil egunkari baten propaganda egiten, pentsatuko nuke. Hurrengoan banku edo petrolio-enpresa batenarekin aterako da! Atzeraka, jakinda hogeita bost urteetan Euskaldunon Egunkaria-ren ez dakit zenbat elastiko diferente jantzi ditudala, egunkari batenak, harro asko jantzi ere. Hainbat aldizkari edo fanzineren aldarrikapena inoren papar edo bizkarrean ikusiz gero ez nintzateke lar asaldatuko, txikiaren, ikusgaitzaren bultzada dela badakidalako, eta gureak ere bazuelako hortik, txikiarenetik, ikusgaitzarenetik. Baina baita The Guardian, El País edo Libération bezalakoak izateko asmotik ere (ez naiz kazetaritza estiloei buruz ari, ez heldu belarri horretatik iritzi honen buruari). Eta lortu dugu, lortu dute egunkari bat izateaz gain proiektu bat ere bazen hori bultzatu eta egin dutenek; proiektua ez ezik askorentzat bizitza izan den hori, batzuentzat heriotza izatera ere iritsi zena. Badugu egunkari homologatu bat, gero eta homologatuagoa den gure gizarte honetan, gure kulturgintza honetan. Mende erdia bete duen Azokatik buelta bat ematea besterik ez dago era guztietako produktuak ikusteko, genero eta estilo eta formatu desberdinetakoak. Edo, beste era batera esanda: kuleto bat hartu ahal izateko makina bat perretxiko txar ikusi behar bada, bada kuleto bat edo beste badaukagu. Ez naiz gehiegi luzatuko Egunkaria izan zen haren apologian, egina dago egunotan, eta adibidez Harkaitz Canorena bezalako artikuluek adierazi dute sentimendu bat, eta hark baino hobeto egingo ez dudanez... Azokaren efemerideari buruz ere izan da zer irakurri, eta biak ederki batu dituenez artikulu bikainean Iñigo Aranbarrik, atzera begiratze sarriak eragiten duen izua barne, ba hura sinakidetzen dut, eta kitto. Morroi honek daukana da kopeta galanta, pentsatuko du hainbatek, eta lanerako gogo gutxi, eta lagunen puntuekin ari da egiten bertsoa. Zeren eta horiek lagun ditu eta horregatik dabil hain koipejario. Arrazoi. Presaka nabil eta Durangon lanean (eta parrandan) egunotan; eta lagun ditut. Durangon, hain zuzen, lagun asko dabil egunotan, eta ezagunak mordoa. Euskal kulturgintzan nor direnak, nortxo direnak eta izan nahi dutenak Durangon baitabiltza egunotan parrandan (eta lanean). Idazle, musikari, bideogile, ekoizle, banatzaile, erosle, lagun, ingurukoak, langileak, ideiagileak, lekulariak... ezen pentsatzekoa baita lurrikara gertatu eta Azoka behera etorriz gero denak barruan harrapatuz (aldameneko tabernetakoak barne) euskal kulturgintza umezurtz geratuko litzatekeela, denak han baikaude bizpahiru idazle (ebentoetara joaten ez diren arraro horiek, badakizue) eta artista batzuk salbu. Zorionerako eta pozerako daukagun horixe, hala ere, zenbat gauza egiten dugun (eta batzuk onak), ez dadila itsugarri gerta ere gogoeta egin beharko genuke. Hogeita bost urte bete dituen egunkariak eta berrogeita hamar bete dituen azokak islatzen dutena, gure unibertsoa, Durangon biltzen bada, pasilloetatik dabilen %80 edo kontzertuan dauden %90 ezagutzen baditugu, malo. Lagun asko daukagun seinale gisa, ondo, baina malo. Milaka euskal herritar dago Durango non den ez dakiena, eta jakinda ere Frankfurteko azoka bezain hurbil bizi duena, eta egunkari salmentez zer esango dizuet euskarazko telebistaren ikusle datuek alkoholik gabeko zerbezaren numeroak dauzkatenean. Latz ospatuko dugu duela hogeita bost urtekoa, merezi du merezi duenez, zorionduko ditugu orduko hura eta oraingo hau posible egin zutenak, eta ez gara beti flagezaziorako arrazoiak bilatzen hasiko. Ondo egina dago eta ospa dezagun, zer arraio. Bizkarrean ikusten da, baina bihotzean daramagu. Baina ahaztu gabe paparrean milaka lagunek daroatena Petronor dela, edo Kutxanbank, edo Qbao. Homologatuta. Hurkoaren hanka sartzea 2016-01-05 Herri gehienek hanka sartzeko joera ezin sendatuzkoa, patologikoa. Une historikoa iristen zaie, hamarraldian hiruzpalau izaten diren une historiko horietarik historikoena, eta erabaki okerra hartzen dute, lokatza eta sasiaren aldeko aukera egiten dute. Bidea erratzen dute eta euren burua kondenatzen atzera ere hainbat denbora herratu ibiltzera. Ez du, dena den, txarretik bakarrik huts egiteak, badu kontsolamendurik. Tragedien gainean eraikitzen baitira herrien iraganak —eta hortik etorkizunak: gure arteko historialari epiko-zale saldoari begiratu besterik ez dago, gaztelu eta koroetan gure esentziaren bila uxarka—, eta tragediek arima ematen diote herri horri. Arima penatu eta zauritua, pena eta zauririk gabea ez baita benetako arima. Ernesto Sabatorekin bat nator, eta adibidea da, Suitzak izugarrizko aukera galdu zuela neurriko tragedia historikoa edukitzen Gillen Tellek sagarrean asmatu zuenean, eta hor dabil orain, arimarik gabe. Eta arimarik ezean, bankuak ditu eta paisaia elurtu paregabeak eta txokolatea. Guk berriz, ez elurrik, ez urrerik, txokolatea ere eskas salbu eta Baionan —Donostiara konpretara etortzen diren frantses-en bizilekua, alegia—, baina arima... arimak erruz, penaz eta zauriz gainezka! Gure azken urteetako historiari begirada koxkorra botatzea besterik ez ikusteko huts egiteen segida bat dela, tarteka asmatzerik egon bada ere (eta batzuek, Arnaldo Otegiz eta kideez ari naiz, itzalean ordaintzen ari dira asmatu izana. Aprobetxa dezadan tartea datorren zapatuko deia gogorarazteko, Otegi eta beste zientoka lagunen eskubideen alde egiteko, ai Espainiako Gobernuan behingoagatik norbaitek hanka sartu eta denak etxeratuko balituzte! ). Huts egite historikoekin, nolanahi dela, memoriarekin bezalatsu gertatzen da: nork berea duela. CUPena huts egitea izan dela esan eta gaitzesten du mordo batek —hemendik haietako asko, CUPekoei ekibokatu direla leporatzen, nola guk ez dugun hutsik egiten...—, eta uste izaten faborea unionistei egin zaiela; ordea unionistek ekibokazioa irailaren 27an jartzen dute, eta Parlamentuaren deskonexio erabakian eta orain atzera itxaropen izpi bat... Espainiako sektore intelektual liberalek urteak eman dituzte Hego Ameriketako herriek huts egiten zutela deitoratzen, ozen eta ahalkerik gabe esaten Venezuela, Brasil edo Argentinako herritarrek hanka sartzen zutela agintari bolivariano, kirchnerista edo lulazaleak hautatzen zituztelarik. Alegia: askotan, norberak nahi duenaren kontrakoa erabakitzen denean dago huts egitea, baita gehiengo nagusi batek erabakitzen duenean ere. Pertsonon alorrean, banakako mundu horretan, tankeratsu gertatzen da. Norberak nahi duenaren kontrakoa erabakitzean hanka sartzen du hurkoak, lagunak, bikoteak. Huts egiteena edo huts egiteak leporatzearena ez da generoaren araberakoa, baina konponbidearena askotan bai: jasan ezin duen askok, arrak, aiztoaz konpontzen du —57 emakumezko hildako 2015ean Espainian—. Espainiak ere izan du aiztoarekiko grina, disidentzia tratatzeko, estatua funtzionamenduan nahiko arra ere badenez... Alde bat bada, hala ere, herrien eta pertsonon artean, eta banoa eskapismoa egitera, berriro ere (irtenbide pertsonalarena, badakizue, krimen anti-iraultzaile hori). Herriekin ez dakit, baina pertsonekin iraganak ez du deus bermatzen, alderantziz, zenbat eta handiagoa iragana orduan eta eskasagoa etorkizuna, eta beraz ekibokazioak ahalik eta gutxien izatea nahi duzu. Denok daukagu hanka sartzeko eskubidea, baina zenbat eta gutxiago hobe, norberaren bizitzan hauteskundeak ez direlako errepikatzen. Eta, batez ere, herri jakituriak kontrakoa esan arren, akatsetatik ez delako ikasten, batik bat konponbiderik ez daukatenean. Kataluniakoak badu, hau akatsa balitz ere. Asmatuko ahal dute. Haiek. Guk seguru baietz. Guk beti asmatzen dugu... batez ere hurkoaren erabakietan. Koloreak eta geometria 2016-01-19 Lurra esfera bat denez —poloetan zapal, bai—, figura geometrikoari dagozkion ezaugarriak dagozkio planetari ere: hau da, esferako puntu guztiak erdigunetik distantzia berera daude. Gure kasuan, urruti. Eta seguruenik horregatik ez ziren iritsiko eta ez genituen ikusi Hollande, Merkel, Rajoy eta gainerakoak, Je suis Splendide txapa paparrean, Uagadugun terrorismoaren aurka egindako manifestazioan. Manifestaziorik ere ez zela izan Hotel Splendideko sarraskiaren ondotik? Egia esan ez dakigu, geure hauteskunde-kanpaina eternalera bueltatuak gintuzten informazio iturginek, gure txorrotetara berriro ere ur garden eta aratza ekarriz. Aski odol badugu bestela ere. Ingeleseko ikastaroa ere berritu behar, gainera, minutu eta orrialdeak franko eskaini ahal izateko AEBetako hauteskundeen aurreko alderdi barruko aurre-hauteskunde eta sondeoei. Emozionantea izango da, eta ez bada ere izango digute, Barack Obamak aberatsek ere negar egiten dutela erakutsi berritan, beltz baten ondotik lehenengo emakumea sar baitaiteke Etxe Zuriko gela dotore horietara, aginduak hartu beharrean ematera. Hala balitz, negar egiten badu, ez gara harrituko, ez da mundu mailako albiste izango, gauza jakina baita emakumezkoek negar errazago eta gehiagotan egiten dutela (salbu eta CUPekoek, janzkera ez femenino batasunoa ibiltzen duten horiek, gehienak feminaziak, badakizue). Ia dena ura —gero eta zikinagoa— izan arren Lurra deitzen diogun gure esfera irregular honetan erdigunea hainbat puntutatik gero eta urrutiago dago, Uagadugu Paristik baino askoz urrunago. Europan eta AEBetan bertan. Asko daukana gero eta urrunago dago gutxi daukanarengandik, edukitzari dagokionez bederen. Aste honetako albistea da, Oxfamek emandako datuak, baina baita duela 10 urtekoa, eta 50 urtekoa, eta 100 urtekoa eta… Gutxi batzuek, oso-oso gutxik, ia dena daukate. Eta gehienek, biztanleriaren zati handienak, oso gutxi. Beste denek adina daukate oso gutxi horiek, gero eta gehiago, eta besteek gero eta gutxiago. Eta larriena da, aurrekoa nahiko larria izanda, gutxi daukatenetako askok, gehiegik, gutxienekoa ere ez daukala. Hitz korapilo batean nabilela ematen du, baina bai zera: horiek dira benetako marra gorriak, miseria ez-miseriatik bereizten dutenak. Urteak dira eskema errepikatu eta areagotu egiten dela, eta azken krisiak mahai gainean ezin nabarmenago utzi digu: ondasunen ez banaketa honi eusten diotenek eragin zuten krisia, lehen gaizki zeudenei hondoa joaraziz, eta krisiaren gainditzea diferentziak ez soilik mantenduz, ezpada areagotuz egin da. Eta estatuek, boz goran hori guztia deitoratzen dutenek agintarien ahotik, ez dute deus egiten hori zuzentzeko. Are, dagoena dagoen horretan segitzeko egiten dituzte egitekoak. Eta kontrakoa egin daiteke, gezurra baita hori egite ezinezkoa dela dioen hori. Kostako da, kostako denez, gizartearen egiturak aldatzea, goitik beherako eraldaketa behar da egituretan ez ezik baita gure bizimoduetan ere, batez ere gure bizimoduetan, baina egin beharko da ondasunak egokiago ez ezik egoki banatzen dituen jendarte bat. Ororen gainetik, eskemarik sinpleena hor dagoelako: asko daukanari kendu gutxi daukanari emateko. Gutxienez, gutxienekoa ez daukanari emateko. Justizia soziala deitzen zaiola esango nuke. Beste batzuek terrorismoa deitzen diote. Egin daiteke, baina, hitzetan ez bezala, nahi dugunik gure botoetan ez da maiz igartzen. Gizarte justiziari ez diogu ekin. Baina tira, horren faltan, gizarte laguntza eratua dugu. Kristauak baikara, ezin dugu ekidin, eta limosnan oinarrituz egiten dugu politika ekonomikoa. Alor horretan marrak ez dakit, baina gorriak bizi dituztenak asko dira. Eta politika gorri gutxi. Iowako sailetakoak baino 2016-02-02 Maria-Merce Marçal poetaren Dibisa poema, ereserki eta manifestu bat da era berean: «Menturari hiru dohain zor dizkiot: emazte sortu izana,/ Klase sozial apalekoa eta herrialde zapaldukoa. // Eta hiru bider errebelde izateko urdin uherra». Eta hiru aldiz zapaldua izatearena Angela Davisengandik hartua dateke: emakume, beltz eta komunista (eta homosexuala). Euskal Herrira dator egunotan eta harengan ezagunenak diren borroken artean, bat hartu nahi dut hizpide: espetxeen aurka egiten duen aldarria. Aurretik aipa dezadan, dena den, poztekoa dela AEBetatik datozenen artean tarteka halakorik izatea, Oscar sariak gureak balira bezala jokatzen dugun herri honetan ere hasi baitugu, guk geuk abiatu, hango presidentea aukera dezaten lasterketa, metroz metro ezagutuko duguna. Adituek azaldu digute Iowako hautesleak gutxi direla eta ez dutela ordezkatzen AEBetako hautesleria eta beraz hango caucus-etako emaitza ez dela esanguratsua, baina hala eta guztiz ere caucus horri ere jarraipen zehatza egin diogu. Mundialak baikara. Baina baita mundukoak ere. Hartu bakarrik ez, eman ere egiten dugu, hain gara mundutar eta mundial! Basque Culinary Centerrek antolatu du sukaldaritza alorreko Nobel saria izatea nahi duguna: Basque Culinary World Prize. World prize bat eratu dugu guk geuk, ez da astoaren gauerdiko arrantza gero, eta euskal kultura ari gara inork imajina ezin zezakeen tokitaraino eramaten, ingelesezko tituludun ekitaldiz betetako hiriburutzatik hasi, inork oraindik ez dakien zerbait lotzen dituen bridge-ak pasatu eta world prize-raino. Artaburuak gara, galantak, artaburuak king size, Iowako sailetakoak baino puskaz handiagoak. Tokitaraino ari gara eramaten euskal kultura, eta han utzi, tokitan. Alegia inon ez. Euskal ondarea, berriz, batzuek toki askoz zehatzago batean dute: jabetza erregistroetan, eliza katolikoaren izenean. Artaldea gutxitzen ari zaie, baina larreei eutsi. Espetxe sistemarena, zigor legeriarena aipatu nahi nuen, jada gure hedabideetatik desagertu den gertakari latza gogoan, Gasteizko hilketa eta erasoarena. Maiz errepikatuagatik ere, esan beharra dago: indarkeria matxistak hil egiten du. Eta asko hiltzen du. Eta gutxi hilda ere —asko hil, gutxi hil, bakarra ere gehiegi ez balitz bezala!—, ezin utzi. Hilketak sumendiaren laba baino ez dira, ikusgarriena, baina arazoa hori eragiten duten plaka tektonikoak dira, jendartearen egituran, hau da, gure buruetan, iltzatuta daudenak. Pitzatu ez, hautsi beharrekoak: baina zigor hutsaz? Espetxeetako harresiak ere pitzatu beharrekotzat neuzkan. Nik bederen. Izan ere, tarteka zalantzan jartzen dut gehienen nahia hori den. Alicia neskatxa Gasteizen hil zuen gizasemeak egindakoa «ordain dezala» eskatu zuten agintariek, «garesti ordain dezala» azpimarratuz, ordaintzea nahikoa ez balitz bezala. Eta deklaratuko dut beldurra eragiten didala garesti ordainarazte horrek. Uste nuen betiko kartzelaren kontra geundela legeria PPk erreformatu zuen horretan, baina ez da hori joan den astean hedabideetan sumatu den zurrumurrua. Haur-hiltzaileak zigortzeko gogoa edukiz gero, bada egunotan Europan eta Ekialde Hurbilean non bilatu. Milaka haur galtzen dituen Europa honetan, jabetza-erregistroak ugari baina harrerakoak eskas dituena. Edo, edukita, itxita dauzkana infernutik datozenentzat. Eta dabiltzala erne haien laguntzan dihardutenak, laster baitira, mafia izendapen pean, legearen zama bizkarrean. Haurrekin trafikatzen dutenak, sasian, horiek mafia. Haurrekin, helduekin, armekin, diruarekin... trafikatzen dutenak, baina zigiluz, nazioarteko komunitatea. Bidezko merkataritza 2016-02-16 Elkar hartuta ikusi ahal izan ditugu langileen eta ugazaben ordezkariak Bruselan, denak protestan batera, eta beraz, askori datorkigun galdera da, noren kontra? Erantzuna ere aise dator, gobernua ez dela jakinda: barbaroen kontra. Gizakiaren lanbiderik zaharrena, sexuarekin inolako zerikusirik ez duena, norberarenaren defentsa da (akaso ez da lanbide bat; lanbide zaharrena etxekoandrearena izango da, ez?). Lanbide ez dakit, baina jardun zaharra da gurearen defentsa, taldeka mugitzen garen unetik. Langileek euren taldea defenditzen dute —azken urteetan hau asko matizatu behar bada ere—, eta ugazabek haiena —honek matizazio gutxiago dauka—. Eta beraz, elkarrekin baldin badabiltza zerbaiten defentsan, biok barne dituen taldera jo behar. Gure altzairugintzaren defentsa izan da protesta multiklasistaren arrazoia: eskaera Administrazioari egin diote, baina eskatu diote neurriak har ditzan Txinaren aurka. Alegia, gure horretatik kanpo dagoen lehiakidea dela protestaren itua: txinatarrak. Dumping egiten ari omen dira, altzairua kostu-prezioaren azpitik saltzen, eta beraz hemengo altzairu ekoizpena izorratzen. Denda handiek-eta beti egin izan dutena da dumping delakoa, hala txikitu dituzte denda txikiak —hala eta kontsumo ohiturak aldaraziz, baina hori beste upel bateko petrolioa da—; gure supermerkatuen ohiko jarduna izan da hori, edo prezioak adostearena (galde catering alorrekoei!). Baina oso desatsegina da zuri egiten dizutenean. Txinak egiten duenean. Talaia honetatik, beti bezala, azpildura bati erreparatu diogu: Gert van Poelvoord-ek esan du ez direla Europako altzairugileak, lehiaren beldur, «baina bidezko merkataritza behar dugu». Eta niri goizeko kafeak eta lehen zigarroak eragindakoak baino uzkurdura handiago batek erasan dit urdaila: bidezko merkataritza!? Hori eskatzen du ArcelorMittal enpresako ejekutibo batek, munduko altzairugintza alorreko enpresa handieneko bozeramaile batek, mundu osoan altzairua egin eta saltzen duenak, enpresak handik hona nahieran ibiltzen dituenak, altzairu produkzioan tradizio ezin zaharragoa duen Luxenburgon egoitza duen multinazionalak. Zer uste zenuten, Ekuadorko kooperatiba ekologiko batetik ekarritako kakaoa saltzea zela bidezko merkataritza? Txinatarrak terrorista ekonomiko izendatzea baino ez zaigu falta. Izan ere, esaera zaharra eguneratu eta XXI.ean bertsioa da: erradazu nor duzun terrorista, eta erranen dizut nor zaren. Azken egunotan hainbat eremutan ezagutu dugu: terrorista handienen pole position-ean Estatu Islamikokoak daude, eta hortaz Europak, eta AEBek eta NATOk Kobaniko kurduei laguntza eta sustengua eman izan diete (sustengua laguntza baino gehiago, ahozkoa esan nahi dut, baina tira). Dena den, kurduak halaber turkiarren terroristak dira, eta haien aurka aste honetan bertan gogor egin dute Sirian (Turkiako estatuaren mugen barruan ez diote gogor egiteari sekula utzi). Saudi Arabiak ere zerbait esan du salafisten aurka egiteaz, baina hark xiiak ditu terrorista —Yemenen gaur bai eta bihar ere bai erakusten duena, Europak eta AEBek saldutako armekin (eta altzairuarekin?)—. Munduko multinazionalek orain Txina dute terrorista (ekonomiko), baina hain zuzen hango edo Indiako edo orain Nigeriako eta abarreko kostu baxuak baliatuz egin izan dira lehen zirena baino mutinazionalago, baina jakina, garai hartan terroristak Mendebaldeko legeria orduan ez nahikoa liberalizatzailea eta sindikatuen eskakizunak ziren... Zer ez da posible izango, baina, txotxongiloak terrorista diren parajeotan. Txotxongiloak terrorista, eta gu guztiok txotxongilo galantak. Betaurreko gabe, begiak itxita 2016-03-01 Bafta eta Urrezko Globoa irabaziak zeuzkan, gure zinema adituek gogorarazi bezala, eta atzokoan behar zuen, atzo ezin zion ihes egin Leonardo di Capriori estatuilla-k. Eta lortu zuen, lortu zuenez. Biba gu eta di capriotarrak. Erdietsi zuen berak eta baita filmaren zuzendariak ere, Gonzalez Iñarrituk. Iñarritu!, gutarra hau ere, zeren zain daude euskal abizen eta genealogien arakatzaileak zuzendari oscaraniztunaren asabak gureganatzeko? Tira, ariko dira, seguru ariko direla, ez alferrik dauzkagu historialariak paleta eta eskuaretxoa arkeologoei utzi eta desagertutako gorpuen ordez ezkutuko arbasoen bila. Klimaren aurka egin du diskurtsoan Di Capriok, lastima errefuxiatuak ez aipatu izana. Une historikoa biribiltzeko bikaina izango zen. Zeren eta une historikoa da, bai horixe; ez Pedro Sanchezi Moncloara iristeko babesa ukatzen badiote Podemosekoek zapuztuko dutena bezain historikoa, unea, baina oso historikoa hala ere. Lastima, halaber, sari emanaldia zuzenean ezin ikusia, lana, lan madarikatua, bestela goizaldera arte telebistaren aurrean geundekeen, baina begirada kritikoz, hori bai, oso kritikoz, zinema independente eta alternatiboan zailduak gara gu, aspaldidanik Zabaltegiren jarraitzaile sutsuak, zuzendari irandarren zerrenda Realeko 80etako ligetako hamaikakoa bezain ongi dakigunak, ez gara zabor-irensle koittaduak. Kritikoak, baina gure garaien seme-alaba ere bagara, aingura ideologikoak erantzitakoak, 140 karakterreko pentsamenduen arora moldatu garenak eta beraz, guztiok ematen dizkiogu arintasun-uneak arimari, ez da kontua eguneko 24 orduak serio eta sakon izatea. Youtubek eta bestelakoek aukera ematen digute and the Oscar goes to ikusi eta entzuteko eta Di Caprioren poz eutsi horretaz nahi adina aldiz gozatzeko, baina zuzenekoa beste kontu bat da. Eta gainera sare sozial eta errepikapenek unerik onenak bai, baina dena ez dute ematen, eta beraz aurkezlearen txiste eta keinu guztiak ezin dituzu dastatu —afroamerikarren aldekoa ondo; emakumezkoen ingurukoa txarra, politikoki ez polita, munduko kritiko guztiok bat gatoz—. Donostia 2016 ez omen zen gala osoan aipatu. Arraroa da: izan ere, lan gaitza egiten ari gara mundu osora hedatzeko ebentoa, haiek emanaldia egiten duten hizkuntza berean gainera, baina tira, egia ere bada usatar hauek oso berekoiak direla, eta kultura alorrean eurena bakarrik interesatzen zaiela. Ez guri bezala, guk haiena ere maite dugu, maite dugu eta ondo ezagutzen dugu, oso ondo, maiz hemengoa... Eta orain serioago hitz eginda: egia da sakontasun exigentzia ez dela eguneroko bizimodurako lagun komenigarria, ultzerak eta antsietateak eragiten baititu. Jendeak futbola eta zinema-izarren paseoa bere errealitateari uko egin gabe bizi ditu, jakinik biharamunak bezperaren moduan argituko duela gureek gola sartu edo ez, Di Capriok Oscarra irabazi edo ez, eta hain zuzen ere behar gorrian dagoenak ezin diolako errealitateari ihes egin —benetan ihes egin ahal izatea klase-pribilegioa da—, ametsak eta poz kolektiboak eraikitzen ditugu. Guztiok, baita Zizeken obra osoa irakurri duten kritikoenek ere. Ez da txarra. Eta futbola ez bezala, zinemak gainera salaketa soziala ere izan dezake, negozioaren azpian artea ere egon daiteke, diruaren atzean kultura. Baina ez da egia txikiagoa amu batzuei kosk egin bakarrik ez, pita eta guzti irensten ditugula kanabera muturreraino. Neurrigabeko traszendentzia ez da ona, baina akritizismo erabatekoa ere ez. Betaurrekoak behar dira zenbait gauzari begiratzeko, betaurreko kritikoak, betaurreko moreak... Baina betaurrekoak eranzten ere jakin behar da, begiak itxita edukitzen, distirak ez gaituela itsutuko seguru egon arren. Legearen enperadoreak 2016-03-15 Gauza ederra da hogeita hamaika eskutik izatea. Eta hobea esku horretaz gain, kartak ere zureak izatea, eta mahaia eta etxea, eta erabaki ahal izatea nork jokatzen duen eta nork ez, eta, esku gorena, erabaki ahal izatea une jakin batean 31ri irabazi egiten diola 32k. Nik diodalako. Kritika handiak jaso ditu Bruselaren asmoak, Grezian dauden errefuxiatuak —artean errefuxiatu ere ez direla, aterperik ematen ez badiegu, herenegun kazeta honetan Aranbarrik gogorarazi zigun bezala—, alegia migratzaileak —beste hitz zoragarri bat, niri hegaztiak gogorarazten dizkit—, hau da, iheslariak Turkiara bueltatu ahalko direla. Multzoka. Bestelako galdakizun administratiborik gabe (galdakizun etikoak aspaldi ito genituen Mediterraneoan, Atlantikoan eta munduan diren itsaso eta ibai guztietan). Turkiara itzuli behar ditu Europak pertsona hauek —haietako asko Turkiako Estatuak berak jazarriak Iraken, Kurdistanen...—. Turkia inoiz Europan sartzearen truke, oraingoz goazen errefuxiatuok Europatik ateratzera. Kartak gureak dira, mahaia ere bai, eta hogeita hamaika daukagu eskutik. Baina nolaz Europa handi honetan ahots politikoki desafinatu eta alternatiboak badiren, eta taldeak, eta eskrupulu batzuk ere bai, giza eskubideak eta kontu horiek, bada Bruselari esan zaio —erabakia hartu duten agintariei, alegia—, hori Europak oinarri dituen lege eta itunen aurkakoa izan daitekeela. Legez kanpokoa, errefuxiatuak bueltan bidaltzea. Gatazka armatuei ihesi mugitzen direnak, horiek bai baitira errefuxiatuak. Eta aterperik ez eman arren errefuxiatu behar duten hauek bai baitute eskubiderik, legeak aitortzen die behintzat, eta beraz arazo bat dago. Nola konpondu? 32 31ren gainetik jarrita. Brusela araua prestatzen ari omen da. Legea aldatu, eta kito, akabo arazoa. Errazagorik? Ez alferrik bizi gara «legearen inperioa» deritzona oinarri duen tokian. Eta beraz batzuk legearen enperadore dira —gu ez—, beste batzuk agindupeko —gu bai—, eta beste batzuei eskubiderik ez ematearren kategoriarik ere ez diegu ematen eta hor daude, azken asteetan Idomeni izeneko tokian, lehenago jada izena ahaztu dugun beste toki batzuetan, uretan itotzen edo harresietako txarrantxetan zauriak egiten. Beti mugan, heriotza eta bizitzaren arteko mugan (utzidazue demagogia erraza). Guri, telebista eta Interneteko irudiekin lotsatuta, amorratuta, inoizka legeari intsumiso izatea gelditzen zaigu. Intsumisioa gogorrago zigortuko duen lege aldaketak eraginez, bide batez. Legearen araberako hiritartasuna aldarrikatzen zuen aste honetan bertan Fernando Savaterrek, geografia, kultura, etnia eta halakoetatik libro. Eta ulertzen dut. Europako hiritarrak, Europako naziotasuna, legeak ez bestek emanda. Nazionalismo etnikoen —katalana, euskalduna— kontrakoa, zatitu beharrean batu, berdindu egiten duena. Europako hiritarrak, eskubidez denok berdina, berdin du jatorria, erlijioa, herria, hizkuntza, legeak hala aginduta. Zeren eta azken batean, legea indarrean sartzearekin batera arraza, sexu, erlijio eta hizkuntza diferentekoak garenok berdinak izango garen bezala, diskriminaziorik batere gabe, legea sartzearekin batera geldituko dira beste batzuk legetik at, arraza, erlijio, sexu eta hizkuntza diferentekoak, diskriminazio batere gabe. Denak legetik kanpo. Eta, edonola ere, enperadoreek beti aldatu ahal izango dute araua. Prozedura eta berme demokratikoekin eta hori, badakit, orain bezala. Herritarren gehiengo batek enperadoreen asmoen aurka egiten duela? Prozedura eta berme demokratikoekin? Beti izango da eskura lege nagusiagoren bat, konstituzioren bat, idatzi gabeko printzipio eta balio unibertsalen bat erabaki horren gainetik ezartzeko. Karta txarragoak izanagatik ere, beti daukate karta magna-ren bat. Perbertsio dira 2016-03-29 Albistegiek eskaintzen dituzten erreportajetxoak ikusi besterik ez dago aurten ere baiesteko udaberriko opor izenaz birbataiatu beharko genituzkeen hauek galdua dutela santutasuna eta, menderaezin batzuk izan ezik, fedea auzi materialagoetara desbideratua dugula: mendia, hondartza, bidaiak, edari- eta janari-festak... oporrak, egun ulertzen ditugun bezala. Alegia, lanik ez egitearekin batera —lana dutenek beti ere—, gozamena eta, egun ezinezkoa bestela, kontsumoa —ahal dutenek, beti ere—. Aberriarenak ere asko galdu du balio-merkatu honetan, eta garai bateko erakustaldiak ahaztuta, ekitaldi xumeagoetara jotzen da. Oraindik ere eusten zaio pixka batean, hala ere, Podemosekoak eguna ospatzera behartzeraino, baina hor ere fedegabetzen goaz. Edo geure burua ez hain behartua ikusten errituetan parte hartzera. Fedea galdu dugu, edo konpromisoa, edo seguruenik biak. Errituak badu indarrik toki batzuetan: Espainian oraindik ere Aste Santuak indarra du, prozesioek-eta, ikuskizunaren alderdia nagusituta, urtean behineko parte hartzea nahikotzat jotzen den fede-osagai sui generis horrekin. Ez diet garrantzia kendu nahi, hala ere. Antzezkizunak dira, baina eduki eta mezu zehatz bateko antzezkizunak. Askok esango du tradizioagatik parte hartzen duela, eta antzezkizunetik duena kontuan hartzeko, esango dizute, epaitzeko orduan. Baina hain zuzen ere edukigabetu nahi izaten direnean bihurtzen dira arriskutsuen errituak, (ustez) desideologizatzen direnean. Beste prozesio batzuk ezagutzen ditut nik, alarde deitzen dietenak, eta haiek ere... baina bueno, isil nadin, ez naiz berta-bertakoa eta ezin dut ulertu. Prozesioekin ere tankeratsu, pontetik sekula edan gabea izanda, eta beraz alferrik ari naiz hari buruz osatzen ene sermoia. Espainiako erlijio ekitaldien kontuarekin, dena den, broma gutxi (gure alarde edo aberriarekin bezala, bestalde). Elizaren boterea handia da, eta kandelak paseatzen asteburuko fededun okasional asko egongo bada ere, erroak boterearen egituretan ondo sustraituta daude. Zoaz haien aurka zerbait adieraztera, modu apur bat gogor edo lotsagabean, eta titiriterotzat joko zaituzte —historikoki botereak, alegia elizak, titiriteroei eman izan dien tratua emanda, esan nahi baita—. Prozesioetan atera eta gurtzen duten ama birjina horietarik pare bati dominak jarritakoa da Espainiako Barne ministroa. Benetan, ez da txantxa, eta hor segitzen dute biek ala biek, ministroak eta ama birjinak, perbertsioa beste zerbait balitz bezala. Ez naiz tematuko izendapen aldaketekin, izana aldatuta izenarena etor daiteke geroago, nik ere bai baitakit gatozen tokitik gatozela; baina ez gaitzatela nondik gatozen horrek betiko lotu. Izendapenak ez dakit, baina ohitura eta tradizio zenbait aldatu behar dira. Fede-sakrifizioak utzi eta gozamenaren alorrera lerratzen bagara, txarra ez, gozamena zertzen eta definitzen lan handia badugun arren, horrek ere herren handiak eta zer aldatu latzak dituen arren (gozamena maiz, maizegi, beste batzuen ustiapenetik etortzea, hasteko, poblazioaren erdiarena...). Arintasunaren, are arinkeriaren, aldeko proklamatzat hartuko du askok. Sakontasuna faltan botako, are konpromisoa ere. Ez dut hain urrutira iritsi nahi. Sakristia usaina behingoz kentzearekin konformatzen naiz, ema dezakeena baino handiagoa baita, perfumatzen duten arren. Azken asteotan gure eskoletako ikasleen mailaren inguruko gogoetak plazaratu dira. Ba gogorarazi nahi dut erlijioa izeneko ikasgai bat dagoela. Eta Eliza eskola askoren jabe eta zuzendari dela. Hori ere perbertsioa ez balitz bezala. Ate birakariak 2016-04-12 Ate birakarien figura baliatzen da gobernuetatik enpresa handietako administrazio kontseiluetara, eta alderantzira, hainbatek egiten dituzten bidaiak irudikatzeko. Salatzeko, gehienbat. Hauteskunde kanpainan daudenean gaitzesten dute hautagaiek lotura hori, batzuek ahots oso beheran bada ere, baina ahazten zaie gobernua utzi eta lanpostua eskaintzen dietenean. Normala, bestalde: beti eman du bihotzean poza txin-txin horrek. Ate birakariena, batetik besterako mudatzeak, enpresetatik gobernuetara eta alderantzira, ageriko alderdia baizik ez dira. Lotsagabeena, nolabait esan. Alderdiek —agintean daudenean— euren koadroei erretiro goxoak banatzeko baliatzen dute, eta fabore baten ordaintzat har daiteke, baina hori baino areagokoa dela esango nuke. Fabore zehatzen ordainketa baino, konexioa estrukturala da, ministro ohiak korporazioaren aulkietan eseri, edo ez. Iberdrolak, euskal enpresa ikur horrek, Bilbon egin zuen joan den astean batzarra, iazko mozkin oso handiak —beti da ona dirua irabaztea, ezta?— eta Europan haien alorreko podiumean direla ospatuz. Bejondeigula euskaldunoi, harro egoteko beste motibo bat! Gobernua uzterako soldata bat ziurtatzeko asmo zehatzik gabe, hala ere, onartu zuen Mariano Rajoyren Gobernuak argindarrari buruzko legea, Espainian atzodanik bere osotasunean indarrean dena. Argindarra autoekoiztea zuzenean debekatu ez, baina praktikan ia galarazi egiten duena. Orain arte argindar produkzio txikiak egin zitezkeen, baina orain sarera lotzea derrigorrezkoa da, eta autoprodukziorako aukerak izugarri zaildu dira, legearen galdakizunak ia ezinezko bihurtzen baitu. Pozik egongo ez dira ba Iberdrolakoak! Eta ez dago ordainaren derrigorrik: sistema da, sistemak bere buruaren alde jokatzen du. Erretiroko aulki eta EPSVak gehigarria dira. Energia enpresa handiak, finantza-erakundeak, telekomunikazio enpresak, eraikuntza alorreko erraldoiak... ate birakariak ez, konektatutako bulegoak dira, eraikin berekoak. Ateak, birakariak, kanpora joan behar dutenerako daude, bueltatu ahal izateko: haize pixka bat hartzera ateratzen direnean, guri adarra jotzera, itzuliko direla ziurtatzeko. Adarra jotzen baitigute, majo asko. Eta hortaz, kolore berdea enpresa-irudian barneratzen da, eta petroleraren iragarkiak mundu oxigenatua erakusten du. Edo, aste honetan ikusi dut nik, banku batek poema ezagun —eta Bardeak baino higatuago— bat aukeratzen du haien gizarte-ekintza balioesteko: ezinbestekoei, horiei laguntzen die bankuak, besteen alde ari direnei, eta berak haiei laguntzen dienez, bada… Adarra jotzen digute, baina merezia ere badaukagu, aspaldi erosi gintuztelako. Zalaparta pittin bat ateratzen dugu noiztenka, baina handik aurrera... Egitasmo alternatiboak badira —Goiener, Fiare...—, bizimodu diferenteak ere bai, baina ez dute zalapartak eta kexuak behar lukeen neurrian aurrera egiten. Min gehien ematen digun tokitik helduta gauzkate-eta: patrikatik. Hurrena gure neurriko zerga-paradisua izango da, familia bi eta hirumileuristen offshore-ak, Panama txikiak. Paradisu prêt-a-porter batzuk laster eskainiko dizkigu aholkularitza munduko Inditexek, Ogasunari ebasteko gure neurriko trikimailuekin eta aurrera, hurrengora arte. Espainiako Cáritas erakundeak txostena atera berri du, adieraziz umetan pobrezian hazi direnen 10etik 8 gaur egun oraindik ere pobrezian bizi direla eta, beraz, baita haien ondorengoak ere. Poemak esan zezakeen bezala, pobreen semeetatik baitatoz seme pobreak. Eta alabak, letran ez zeudenak garai ez korrektoetako izaki poema, semeak baino are pobreagoak izan ohi direnak. Horiek ate birakaririk ez. Igogailurik ere ez. Behegailuak baino ez. Futbola gelditzen zaigu, hor tarteka handiei irabazten diegu, eta une batez haiek adina garela pentsa dezakegu. Helduta gauzkate, helduta gauzkatenez: baloietatik. Kontraesanak bizilagun 2016-04-26 Ez zait iruditzen bateragarria TTIP itunaren alde eta errefuxiatuek bizi duten egoera deitoratzen egotea, prentsaurreko berean. Barack Obamak egin du. Siriako gerrari, edo Afganistangoari edo Irakekoari ihesi datoz errefuxiatuetatik asko —gerra horien sorreran zer esanik baduke Bakearen Nobel saridunak—, baina gehienek miseriari egin nahi diote itzuri, eta etorkizun hobea, edo soilik etorkizuna edo, burua hain urruti jarri gabe, gaur egun bat bilatzen dute. Eta abiatzen dute bidaia, hesi-lasterketa bat. Hesi naturalak eta gizakiok eraikitakoak, munduko marabillen erroldan ez daudenak. Azken hauek ematen dizkiete lanik handienak, Mediterraneoa onik igarotzea ez baita erraza, baina hagitzez gaitzagoa da mugak gainditu ahal izatea, paperek eta legalitateak osatu hesiak iragatea. Hesi horien zirrikiturik ezak bidaltzen baititu migratzaileak ontzi kaxkarretan itsasoak zeharkatzera. Eta hain zuzen ere lehen munduaren eta gainerakoen arteko diferentzia bere horretan manten dadin sendotzera dator TTIP ituna. Mundua egun arautzen eta izorratzen ari den sistema ekonomiko komertziala finkatzera dator itun hori, munduan munduen arteko errenkada berdin mantentzera: lehena, hirugarrena... Ez da bateragarria, baina ulergarria da. Kontrakoa frogatzen ez den bitartean, Barack Obama gizakia baita, humanoa, eta beraz errefuxiatuen egoera deitoratzen du. Idomeniko kanpalekura ez da joan, baina ez da erabat baztertzekoa Greziako irla batean azaltzea, sorpresaz, katolikoen buruak edo Jordaniako erreginak egin duten gisan. Barack Obama pertsonak, beraz, bat egiten du haur kontsolagabe horien lantuarekin, malko bakoitzean drama oso bat erakusten duten gurasoekin; bat egingo ez du bada! Gertatzen da, ordea, prentsaurrekoan batera azaltzen zaizkigula Barack Obama gizakia, humanoa, eta AEBetako lehendakaria. Eta ene uste harroan hori absolutuki bateraezina da: humanoa eta AEBetako lehendakaria. Ez da presidentearen arazo esklusiboa, hala ere. Gugan ere ematen da, gure neurri apalean. Zeren eta gu ere oso humanoak gara, eta toleranteak ikerketa soziologikoek diotenez... Idomeniko errefuxiatuekin. Hendaiara iritsi diren dozena erdiarekin. Derrigorra baita kupitzea hondartzan gorpu edo trenbide batzuen gainean abandonatuta daudenekin: Eta derrigorra izateaz gain, erraza ere bada. Han dauden bitartean. Hona irits daitezenean hasten dira pitzatzen gure egiturak eta pitzaduretan hesiak zutitzen. Jendea mordoa dago elkartasuna erakusten ari dena, eta lanean ari dena ondo errefuxiatuen egoera hobetzearren. Asko, eta benetan laudagarria da eta laudatzeaz gain esku bat botaz gero ere txarra ez. Besterik da ordea Idomeniko errefuxiatuak gure diru eta lanpostuak hartzen hasten direnean. Familia errumaniarrak beheko pisua hartzen duenean (inork alokairuan ematea onartuz gero!). Moro kuadrilla etxe aurreko parkean biltzen denean. Horiekin denekin eta gainera ijitoekin eskola partekatu behar dutenean gure seme-alabek. Elkartasunak pitzatzen hasten dira immigrazioak muturra gure bizimoduan sartzen duenean. Toleranteak gara, bai, besteak beste immigrazioa benetan bizitzea ez zaigulako egokitu; immigrazioa portzentaia bat delako, eta gainera txikia. Eta ez errealitatea. Gipuzkoako Diputazioa salatzen dugu laguntzak kendu dituelako, eta zinez salatu beharrekoa da; eta Maroto oso gaiztoa da eta Gora Gasteizek eman zion erantzuna eredugarria. Baina gehienok haurrak ez ditugu Gasteizko hainbat eskolatara eramaten, ez gara haiekin ezkontzen, negozioak egiten, etxeak alokairuan ematen... Gure kontraesanekin bizi gara. Badakit. Etorkinekin, ahal dela, ez. Euskalduna izatearen latza 2016-05-10 Arazo politikoa dela eta ez teknikoa ezta lege-kontua ere tontoenak ere badaki, ETB Nafarroan ikusi ahal izatearena. Alegia, behar ditugunak ez direla legelari edo soinu-ingeniariak, ezpada politika-ingeniariak. Neurri egokiak bultzatuko dituztenak Nafarroan ETB ikusi ahal dadin, inportantea baita dudarik gabe, baina batez ere estrategiak garatuko dituztenak hori posible egingo duten akordio eta neurriak behin-behinekoak izan ez daitezen, unean uneko gobernuaren menpe egongo ez direnak. Erabat posible ez da, gaur egun, hori ere kontziente izan beharko genuke. Marxista batek esango lukeen moduan, grouchomarxista batek, autonomi maila gorenenak lortu baititugu menpekotasun funtsezkoenean jarraitu ahal izateko. Estatu batek —edo formula parekide batek— ematen dituen tresnak eduki ezean, ezinezkoa izango da hainbat lege-morroilo haustea. Eta EAJren ezaugarrietan ez da nabarmendu, orain arte behintzat, hackerrak izatearena. Giltzak lortzera jo izan dute, pasahitzak eman diezazkietela. Eta beraz erabiltzaile autonomoak izan, bai, baina administrazio panelarekiko sarbidea oraindik Madrilek daukala. Eta hor sartzen dira sistema judiziala (Auzitegi Nazionala eta Auzitegi Konstituzionala), gatazka armatuaren ondorioz erabat hipertrofiatuta, eta Legebiltzarrean zilegitasuna hartzen duen ordenamendu juridikoa, hidra batek adina garro dituena: gobernu ordezkariak, Europarako zubiak, eskuduntza murrizketak... Neurri eta erabaki erabatekoak iristen ez diren bitartean, batek bai baitaki iritsiko direnetz, bestelakoak ere baliatu beharko dira beraz, behin-behinekoak. Lanabesak garatuz Nafarroan euskarazko telebista egon dadin, ETB ez bada ere (agian irabazten aterako dira nafarrak, programazioari begiratuta telebistak euskaldunoi burla egiten digula sentipena daukagunon aldetik behintzat, derrigorrean Martzillako aitzur-jaurtiketa lehiaketa eta Faltzesko entzierroaren seigarren errepikapena prime-time-an ikusi behar izan gabe), eta euskarazko hezkuntza... eta erkidegoen arteko konfluentzia errealitatearen errespetuan oinarrituta, ez guk kolonialisten ikuspuntutik, anaia nagusi gisa, ez haiek erresumaren esentziatara joz nafar guztion komunio kosmiko bat bilatuz. Nafarroan epaile batek bi eskolaren eredu aldaketa atzera bota izana, esaten ari garenaren erakusgarri da, bere txikian, eta ertz oso zehatz batetik helduta sistemaren erraiak erakusten dizkigu. Printzipio juridiko nagusia da epaitegien erabakiek ez dutela alarma sozialik eragiten. Ez horixe, esan genezake, atera daitezela kalera konprobatzera! Baina funtsean printzipioa baliozkoa da, horra makurrena, kontua ez baita egia edo gezurra den. Printzipioa izan bada eta sistemaren ardatz da. Horiek dira plazako neurriak, plazan jokatzeko derrigorrean onartu beharrekoak. Bestelakorik nahi duenak, plaza aldatu behar du. Eta plazari izenak aldatuta, q-ak k bihurtuta, ez da nahikoa. Plaza euskalduna izanda ere, plaza da eta bere neurriak ditu. Ia beti erdaldunaren berberak. Aldaketarako, gainera, baikor naizenik ezin esan, Nafarroan aldaketa gauzatu zela, Ipar Euskal Herrian Elkargoa izango dela edo Londresen jatorri txiroko alkate musulmana dutela jakinda ere (musulman laikoa uste nik, eta ez ei da, lastima). Hauteskundeak Espainian PPk irabaziko ditu eta UPN izan daiteke Nafarroako alderdirik bozkatuena, eta EAJk botoak ez galtzeko edabea egiten dion druida kontratupean dauka, eta beraz batzuontzat nabarmena dena ez da itxuraz gainerako herritarrentzat hain nabarmena. Gizartearen oso aztertzaile on eta ironikoak garela, alegia, baina gehienak ez datozela gure azterketekin bat. Eta gainera, euskalduna alderik gogorrenari eutsi behar: telebistaren defentsa, Eurovisionen ikurrina ikus dadin aldarrikapena, orain udaberriko euskal festa guztien babesa... Izarrak eta asteroideak 2016-05-24 Bruce Springsteenen kontzertuak baino askozaz oihartzun mediatiko txikiagoaz, normala denez, Literaturia jardunaldiek parada eman digute literatura eta oro har sorkuntzaren hainbat emaitza dastatu eta gozatzeko. New Jerseyko izarraren aldean jende gutxi, lagun batzuk eta asteroide zenbait —badakizue kultura deitu eremu lauso horretan orbita galduko batzuk beti izaten direla—, baina ez nuke esango entusiasmoa txikiagoa izan denik. Ezin dira alderatu, badakit, hark 40.000 lagunez betetzen ditu estadioak, gure herria mapan kokatzen du —Andoni Egañak herenegun artikuluan gogorarazten zigunez itxuraz hura etorri arte mapetatik at geundelako— eta abar. Oso inportantea izango zen (ETBk programa berezia egitea falta izan da), irratietan-eta ikastolen festa edo futbol partida baten albiste-neurria hartu baitu, gutxienez hiru eguneko prime time bizitzarekin: bihar izango da, gaur da, atzo izan zen... Eta jakina, hotel aurreko argazkiak eta bisitak eta non bazkaldu duen eta olatuak... turismo-gidetan azaltzen diren kontu horiek. Sortu zait jakin-mina, bide batez, gure herrian hainbatetan izan den eta Gabon Donosti halako kariñoz esaten duen kantariak aditu ote duen sekula hemengo kantaririk. Astebukaerakoak gogoan, inori otu zaio Bruce Springsteeni Joseba Irazoki eta Beñat Axiariren berri ematea, adibidez? Ez dut uste. Arzakenera bai baina disko-denda batera joan izana harrituko litzaidake. Disko-dendak ere aspaldi desagertu zirelako, besteak beste. Eta, pentsatzen jarrita, beldurra ere ematen du haren cicerone nor egokitzen den, disko-dendarik balego ere «musika etnikoa»-ren apalera eramango lukete-eta euskal musika ezagut dezan Jefeak. Eta, garbi gera bedi, nik ez daukat ezer hari Aristerrazuko trikitixa gomendatzearen kontra. Kultur politikak egiten edo agintzen dituzten asko ohartu ez bada ere, apala da kezka. Eta, okerragoa dena, kultur politikak egiten edo agintzen dituzten askok badakite, nahita dagite, apalgintza. Eta bestalde, ez dut maisuaren gaitzespenik egin nahi, arraioa: zale nauka. Tipo naturala ematen du, eta ez dago zertan guztiari ertzak topatzen ibili behar. Jakina. Baina azken asteotan asko kezkatu nau Eurovisionek ikurrina onar dezan sumatu dudan grinak, eta badaezpada. Gainera, oreka lortzeko fribolitatea eta huskeri-demasa ikur egiten duen hainbeste hipsterismo saresozializaturekin, komeni da beti serio beti kritiko batzuk egon gaitezen, egunero transzendentzia potokadak gosaltzen ditugun horietako batzuk (utzidazue, serio honi, tarteki gaiztoa egiten: ez debekatuen artean ez onartuen artean Nafarroako bandera ez zegoela-eta sumindurarik nabaritu ez izanak harritu nau, eta pentsatzen jarri aldaketa benetakoa ote den eta Nafarroaren esentzia urtzen ari ote den, manomanistako finalean ere eskurik sartu gabe geratu dira...). Bada, dena den, haren kontzertuak eta Zarautzen asteburuan izandakoak bateratzen dituen punturik: bezeroen adina. Dirua dutenen eremua da nagusiki hori, jakina, garia mugitzen ez duenak sarrera merke horietarik ezin baitu erosi, baina bestela ere bai, sosik behar ez den kultura-edo ekitaldietan batez bestekoa antzerakoa izaten da. Gazteagoak mezatara erakartzea ez dugula lortzen, alegia. Beste batzuk dituzte haiek jainko eta gustuko liturgia. Horiek eta beste batzuk ibili ditugu hizpide asteburuan, kultura zer den, sorkuntza zer den. Ez dago ebazten erraza. Ostegun eta ostiralean Amurrion egingo diren Jalgi jardunaldietan gai hauexek izango dira solasgai eta langai, ahaleginak merezi du. Ea zenbat galdera berri ateratzen diren. Harrizko herri hau 2016-06-07 Menpekoaren bizkar barre egiteko baliatu izan du umorea boteretsuak —gizon/emakume; aberats/txiro; kolonizatzaile/kolonizatu—, egoera soziala ez aldatu eta are gutxiago iraul dadin baina graziaz, txisteak konpartituz, denok elkarrekin barre egin dezagun, liberti gaitezen. Berriki zuzen asko erakutsi digu Iñigo Aranbarrik Txanton Garrote liburu guztiz gomendagarrian. Euskaldun gaizki erromanizatuaren lepotik barre egitea jarduera oso komuna izan da, haren gaztelania (edo frantses) baldarra nabarmenaraziz, txiste oso graziosoak eginez horren kontura, euskal herritar ez euskaldunek maiz. Aspaldi ikasi nuen hooliganhitza, jatorrian, ingelesek irlandarrei deitzeko erabiltzen zutela, mespretxuz. Hortik kirolera. Berrikitan aurkitu dut «baserritar gixarajo» esateko frantsesez baliatzen den hitza, plouc, gaitzespenezkoa noski, jatorrian bretoiei ezartzen zitzaiela, frantsestu gabeko barbaro haiei... Afera honetan, gure herren guztien ikur, «indioz hitz egitea» baino esapide argigarriagorik! Umore tipo bat da hori. Gure artean arriskutsuki hedatzen sumatu izan dudana, telebistan-eta, hizkera oso lokal eta itxiak goraipatuz, larrekoa landuz, hor ezarriz grazia. Bestelakoa baita nik maite dudan umorea, niretzat umorea dena, boterearen kontrakoa, azpildurak bilatzen dituena, ironia duena lanabes eta ez errazkeria. Absurduaren mundua arakatzen duena, surrealismoarekin lehian ibiltzen dena... Umore grafikoa dugu erakusgarri, gure kazeta honetan adibide ederrak dauzkagu, eta eduki izan ditugu. Umore inteligentea pleonasmoa dela uste dutenetakoa naizela, alegia, errealitateak kontra egiten didan arren. Txiste deitutakoetan denetarik aurki daiteke, jakina, onetik bezala txarretik, eta txarraren artean menpekoaren menpekoagotzea erakustea oinarri duena asko. Estilo honetakoa bazen garai batean txiste bat, gaztelaniaz eskuarki kontatua, non batek esaten duen «hi, aldameneko herrikoak listoagoak omen direla», eta erantzuna: «Zenbatekoak altxatzen ditiztek harriak ba?». Txiste txarra, barkatu, baina gaurkotasun handikoa. Libertimendua egun harriak altxatzetik ere badatorkigulako, esan nahi dut. Bestearen lepotik barre egitea ez dakit kirol nazionala den, baina nazioa kirola dela, ez da dudarik. Urtean zehar ereindakoak orain dakartza fruituak eta azken egunotan ospakizunetik ospakizunera gabiltza, eromen betean. Futbolariak, eskubaloilariak, pilotariak, txirrindulariak, errugbilariak, denek dituzte balentriak, denak behar ditugu omendu eta txalotu...! Zer ez gara lortzen ari euskal herritarrok egunotan! Denok pozik behar dugu. Zer esanik ez haietako batek, Espainiaren izenean jokatzera behartuta, ikurrina aireratu badu, orduan negar tantaren bat ere bai (bandera atera baina inorekin haserretu nahi ezaren adibide gorena, ene ustez kontu hau paroxismora eraman zuena, futbolari euskal herritar batek egindakoa da, munduko koparen ospakizunean Aiegiko bandera atera zuenean). Gutarrak gladiadore goren dabiltza kirolaren zirkuan, eta gu haiekin bat eginda, komunio berdingabean, baita batek euskal herritarra amonaren izebaren koinataren aitaginarreba badu ere (izan ere ETB genealogistek emango baitiote euskal kategoria berandu baino lehen). Pentsa zenbat pozten garen, emakumezkoen kirolarekin edo Baionako anaiekin ere akordatzen garela halakoetan. Baina pasatu gabe, jakina. Gabarra buztandunekin baino ez dugu uretaratzen, listoenetan listoenak garelako, hankartekoa delako gure benetako Gernikako arbola (edo adaxka). Aldameneko herrietakoak baino listoagoak izaten jarraitzen dugula, alegia. Sarearen erdigunea 2016-06-21 Mamu bat dabil Europan zehar. Milaka errefuxiatu dabiltza nora ezean, mamu deslaien gisara, baina dabilen Mamua, larria, bat da: Erresuma Batuak Europa Banatuaren alde egingo ote duen. Brexit delakoa, alegia. Alde batekoek identitatea omen dute ikur nagusi, joan nahi dutenek alegia, joan nahi duten guztiek izaten dutena. Ingelesek euren burua Europatik at nahi dute —non praktikan beti egon diren, irlak emandako bakartzea medio—, baina eskoziar eta gainerakoak eurekin nahi dituzte. Asunto konplikatua bilakatzen baita identitatearen kontu hau. Europako Batasunean jarraitu nahi dutenek ezin dute, Europaren identitatearen kartak ez baitu balio jokoa edukitzeko, izardun bandera urdinak jendeari kantu-lehiaketa baitakarkio gogora, eta ez haien burua identifikatzeko ezer. Pentsa, futbol selekziorik ere ez du Europako Batasunak! Hortaz, bat eta handiaren aldekoek —ingelesak eurak Eskoziako erreferendumean edo Ipar Irlandan— ekonomiaren jokoa baliatu dute. Porrota dakarrela hanka egiteak, krisia... Alegia, beldurraren mezua. Katalanek badakite zerbait horretaz. Ez diot inolako sinesgarritasunik ematen diskurtso horri, ez-ezagutzaren atrebentziatik esaten badut ere. Europako Batasunetik irteteak ekarriko duen krisi eta porrot izugarria, ekonomikoa eta beraz bizimodukoa —bizimoduaren alderdi materiala—, ez dakit nik zinez hainbestekoa den. Finantza eta ekonomi eta merkatu harreman-sare horren desegitea denen kalterako den ez dakit, sare horren irabazi eta beraz erabaki-guneetan daudenentzat bai seguru. Greziako dirua kobratu gabe geldituko zirenak, Londresko City-rako sarbide zuzena galduko dutenak. Horientzat, izatekotan. Eta horiek ez gara gu. Azkenean pagatu guk egingo dugula? Bai. Thomas Piketty irakurri gabe ere ohartuak gara batasun ekonomikoarekin irabazi eta onura handiak batzuenak direla, lokalizatuak, eta galera eta krisiak izaten direla globalizatuak. Eta zuloak amildegi joera duela. Azken hamarkadetan Europako batasunaren mugetan bizi den oparoaldia ez dut ukatuko, jakina. Nola ukatu, horren albo-kalte ideologikoak ordaintzen ari bagara? Hain zuzen ere, pentsatzen dugun bezala bizitzetik bizi garen bezala pentsatzera pasatu gara, iraultzak eta erreboltak bihotzean eramatetik petxuan eramatera, kamisetan marraztuta. Oparoaldia ukatu gabe ere, beraz, jarraitzen dut pentsatzen gezurra gezurrari dabiltzala sarearen guneetan mantentzeko besteok konbentzitu nahi gaituztenok. Besteok izanik sare hori ehuntzeko izerditzen direnak eta maiz bertan itsatsita gelditzen direnak. Zalaparta ateraz hegoekin, bai, baina askatu gabe, irentsiak izan zain. Inor etor dakidake esanez sarea hain zuzen dela egitura bat erdigunerik ez daukana, korapilo guztiak izan daitezkeela erdigune... Zientzia alorretik hola izango da akaso, baina ni, letretakoa (badakizue, «etorkizunik» ez eta fama eskasa duten literatura, filosofia, historia eta horietakoa), konbentzituta nago sareek badutela erdigunea. Non? Irabazi eta erabakitzen dutenak bizi diren tokian. Sareetan ere batzuk euli dira eta besteak marasma. Ez dezadala kontaketaren haria gal, dena den. Oparoaldia bizi izan dugula badakit (batzuek askozaz oparoagoa), baina ezin onartuzkoa da antolamendu modu bakarra hau denik, ez eta onena ere. Eta gauza segurua: Europaren Batasunaren defentsa sutsua egiten dutenak haien alde ari dira, eliteen alde. Aurrekoa esanda, eman dezake Brexit-aren aldekoa naizela. Eta hala naiz, edo ez, ez dakit, berdin zait... Britainiarrekiko txera berezirik ez dut, baina besteak ere... Europarkidetasuna ez da nigan sustraiak erraz botako dituen sentimendua. Irlakoek futbola asmatu zuten, bai, hala da, baina hori ez dakit, gaur egun, meritua den. Mendekuaren usain zera hori 2016-09-21 Suziriak botatzen zituzten, bigantxak ere egoten zirela esango nuke, jai eguna zen: liberazio eguna. Atzokoa, irailaren 20a, gure herrian, eta inguruko hainbat herritan, Gipuzkoan. Donostia askatu eta gero, mendebalderantz egin zuten Francoren tropek, Eibar, Ondarroa eta bestera iritsi arte, eta negu osorako egonkortu zen fronte-lerrora iritsi bitartean hainbat herri liberatu zituzten. Hurrengo urtean Bizkaikoak erori ziren; Araba eta Nafarroako gehienak lehendik ziren libre. Nazionalek gure herri batzuk etsai gorrien eskuetatik libre utzi zituzteneko egunak dira, orain 80 urte. Festa-egun izateari utzi zion aspaldi, nahiz eta Franco hil eta urte askotara nostalgikoren batek oraindik ere botatzen zuen itxaferoren bat gurean. Seguruenera ez zen hala izango, baina polita da imajinatzea iraganaren mira duen morroia, falangearen traje urdin eleganteaz jantzita, edo txapel gorriarekin, erdi ezkutuan, ziriari su ematen. Ez da hain polita, ordea, pertsona bera imajinatzea, gure herrietako batean, beste zenbait su pizten, harro, ezkutuan bizi zirenak beste batzuk zirenean. Berrogeitaka urtez beste batzuk bizi izan baitziren gordean, eta isilik, jasanarazi zietena ostentzen, kontatu ezinean, salatu ezinean. Zeren eta latza baldin bada norberak egin duen ekintza gogorren bat gordean, bizkarrean garraiatu behar izatea, inori kontatzeko gogorik gabe, edo kontatu ezinik, ahaztu nahian maiz, hori latza baldin bada, zer izango da zuri jasanarazi dizutena gorde behar izatea? Zu izan zara baztertua, zerbitzatu behar izan dituzu zure senideen hiltzaileak, bortxatu zaituzte, umiliatu, pentsioa kobratu ahal izatearen truke zure senarra «marxismoaren aurkako gerraren karietara hil zela» deklaratu behar izan duzu —desagerrarazi zuten berberak izanik heriotza-agirian lekuko—, ilea arras moztu dizute, errizino-olioa eman beherako latzarekin kalean ibil zaitezen... eta isilik egon behar. Emakumezkoei gertatu zitzaien batez ere, askatu zituzten herrietan gertatu zen hori. Suziriak botatzen zituzten nostalgiko horiexek eraginda. Lotsarik gabe orduan, udaleko, zezen-plazako eta edozein toki publikotako palkotik, eserleku nagusitik. Eta toki pribatuetako makurkeriatik. Dena den, eta efemerideak argia piztuta, maiz pentsatzen dut memoriaren kontu honetan gu geu ere nostalgiko kuadrilla bat garela, Molaren kriptan mezatarako biltzen ziren haiek bezala. Hobien inguruan, oroitarriak inauguratzen, Sartagudako elkarretaratzeetan. Utopia inoiz baino hurbilago izan zuten anarkisten ondorengoak, nagusi zirenekoak; 80etan iraultza egiterik ez eta demokrazia burges honetan erretiro aroko ihes-tutu bakartzat gurasoen aldarrikapena duten troskista eta bestelako —ista batzuk, aitona-amonen kontakizunek eta batez ere kontatu gabeek liluratutako biloba inkieto zenbait... Kuadrilla ez handiegi bat. Ahanzturaren putzutik, hezurren putzuetatik, haiek denak atera beharra dagoela pentsatzen dut, jakina, baina inoizka inpresioa ere bai historiako liburuak ditugula bidaide bakar. Zoritxarrez denborak itxiko dituela zauriak, justiziak bainoago. Nolanahi den, eta denborak irabaziko badu ere, kitatu gabe gauza asko geratu dira, eta ahal den gehienak kitatzen saiatu behar dugu, gutxi batzuen interesekoa izanda ere. Plaza erdi hutsik egonda ere. Gerra irabazi zuten, baina bakea ere ez dezatela irabazi. Ez behintzat tantorik hartu gabe. Mendeku usaina du eta ez da batere politikoki zuzena bizikidetza balio ia absolutu erabaki duen gizarte honetan, eta kontra ere etor dakizuke boomerang baten gisa (atzo artikulu bikaina egin zuen Elixabete Gamendiak, kasu), baina batzuetan, barka, zein usain ona mendekuarena, zauririk eragiten ez duten mendeku txiki horiena... Botako nituzkeela nik ere itxafero nostalgiko batzuk, alegia, ezkutuan izan behar badu ere. Euskal argazki eta postalak 2016-10-05 Bisita eta bisitari errekorrak gainditu omen ditugu uda honetan, EAEn, milioitik gora. Espainolezko gure albistegian irribarretsu zehaztu dute: «en los tres territorios». Imajinatzen dut Nafarroan eta Bidasoaz iparraldeko hiru lurraldeetan ere datua ona izango zela. Bueno, Iparraldean itsasoak bustitzen dituen lurraldean bai, Santiagoko erromesen bide horrek zipriztintzen duen bestean ere akaso, baina gure erreserba indiotzat ere etorkizun kaxkarra duen Zuberoan agian ez. Geu ere ez gara joaten... Maskarada eta pastoralekiko lilura galdu dela esanen nuke, gure sustraien bila XIII. mendeko errege-erregina nafarrengana joanda moldatzen baikara, eta gainera, onar dezagun, gauzak arrunt aldatu dira eta indioen hizkuntza eta kantuak-eta baino gogokoago ditugu bakeroen hizkuntza eta kantuak-eta. Hizkuntza bereziki, dena ingelesez bataiatzen dugun garaiotan. Seme-alaben izenetan mantentzen dugu oraindik euskararekiko leialtasun gorena, eta eremu horretan ingelesezkoek baino izen exotikoagoek egin diezagukete, egitekotan, konkurrentzia. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanena, bisitaz ari naizela, aldatu baita. Harremana badago eta Espainian jai izanik Baionara paseatzera eta erosketa batzuk egitera joaten gara, eta beharbada hortik hurbilago dago garai batean eskatzen genuena, hori eta ez ikurrina motxilan sartuta Zuberoako kantu eta dantzekin malkoak isurtzera joan beharra. Normalidadea iritsi zaigu seguruenik, baina nago hizkuntza bidean galdu dugula. Eta hizkuntza ez dira letrak eta soinuak bakarrik, hizkuntzak mundu bat darama berarekin. Normalidade horren beste aldea —hizkuntzarekiko berdina— da Donostia Inditexekoen erresuma eta pintxoaren parke tematikoa bihurtua dugula. Pozten gara, ni ere pozten naiz, denok poztu beharreko albistea da turismoak gora egin eta gero eta bisitari gehiago izatea Euskal Herrian (utzidazue orokortzen datua). Ona da gure ekonomiarentzat. Ona bai, baina bide-saririk ez du? Datua beroan hartzen dugu, sukaldetik ateratako gure xef zoragarri horien kreazioetarik bat balitz bezala, pintxoa baino areago experiencia sensorial bat delakoan. Turismoak gorantz egin duela eta hori poztekoa dela, eta jaten dugu eta ase eginda geratzen gara. Hozten utziko bagenu, ordea, gauean erretira dezaten baino lehen ikusiko bagenu goizetik barran egon den pintxoa, esperientzia sentsoriala bestelakoa litzateke seguruena. Baita alor ekonomikotik ere. Ona da gure ekonomiarentzat? Bueno, prezioei errepara diezaiegun, garraioari, turismorako ez dagoen alokairuko pisu bat aurkitzea zenbat kostatzen den, zer preziotan dagoen... Ondorio horiek ere gure ekonomia dira. Baina beste alderdiak kezkatzen nau gehiago. Bisitan etorri direnak, euren herrietara joan eta behiala sustatu zen ven y cuéntalo egingo balute, zer kontatuko luketen. Globalizazioaren arazo orokorrari —munduko hiriek elkarren gero eta antz handiagoa dute, denda igualak, hiri-paisaia berdinak...— gure partikularra ere erantsi beharko diogu. Hizkuntza bidean galdu dela, eta hizkuntzarekin batera mundua. Baina ez esentzia, ezpada eraikitzen dihardugun mundu normal hori. Ez nuke nahi gutako batzuk Zuberoara joaten ginen bezala etortzea turistak hona, lumadun txapelarekin argazkia ateratzera, Sanferminetako zezenak eta gastronomia. Erreserbetako argazkiak ez ditut nahi, eta ezta postal guai eder baina hutsak. Herri normal bat bisitatzea nahiko nuke, bizi dena, hainbat tokitan euskaraz bizi dena, barre eta negar ere egiten duena, sortzen duena... bisita zezaten nahiko nuke. Baina errezeloa dut haien etxeetara bueltan joan diren horietarik gehienak ez argazkiak, ez postalak, baina ezta nik nahi dudan oroitzapena eramaten dituztela: etxera soilik selfie-ak daramatzate. Milioia eta gehiago selfie. Piramideak eta zibak 2016-10-19 Zahartzen ari gara. Ni eta nire ingurukoak bai, eta gai hori hizpide zenbat hartzen dugun da horren seinale nabarmenetako bat; hori, eta klixe eta txiste txar mordoxka bat. Artikuluaren hasierako hitzekin gizarteaz ari naiz, dena den. Gero eta haur gutxiago ekartzen dugu mundura, eta hil ere ahal denik eta beranduen egin nahi dugunez eta ongizatearen kontu honek aukerak ematen dizkigunez, bada hala gabiltza: hankagorriak gutxi eta buru urdin eta soilak sobra. Izan ere, hil ondoren zerbait dagoela sinetsita ere, inork ez du jakin-mina aurrerapenez bete nahi eta ahal den gehiena luzatzen dugu. Gutxi batzuek aurrea hartzen diote, egia esan, izan litekeen erabakirik libreena —pentsalari batzuen definizioz— hartuz: norberak noiz hil behar duen erabakitzea, alegia. Ez omen dira hain gutxi, baina isiltasun itun bat egina dugu suizidioaren inguruan eta ez da horretaz hitz egiten, ez dira gure hedabideetako minutu eta letretan azaltzen, ezta eufemismo bitartez ere («gaitz luze baten ondorioz» hori bezala, izendatzeak berak kutsatzeko arriskua balekar legez! ). Beste baterako utziko dugu buruaz beste egitearena, eta norberaren besta ahalik eta gehien luzatzearenari helduko. Gizartea zahartzen ari zaigu, ari gara: 65 urtetik gorakoak asko dira, piramidea ziba bihurtua da eta alarmak piztu dira. Egongo al da dirurik denentzat? Kezka nagusia hori. Erretiroak, gizarte-zerbitzuak, osasun-zerbitzuak... iritsiko al zaizkigu? Kezkagarria da, bai noski, denok atzeman uste dugulako aldaketa horren muina eta zergatia, eraiki dugun jendartearen eta bizimoduaren ondorio zuzena delako —batez beste 3 edo 4 haur dituzten familiak egiten berriro hastea nekez aurreikus liteke, hori ardatz duten fedeek mundua hartua duten arren—. Bizimodua aldatzen ari zaigu, ari gara, eta ezinezkoa zaigu, eta gainera ez dugu nahi, berriro lau edo bost seme-alabaren guraso izan (gehienok lau edo bostena ez, baina batzuek bakarra ere ez dute eduki nahi, baina horiek nahikoa begirada eta komentario oker jaso behar dute, insolidarioak edo gutxienik arraroak bailiran, herrenen bat balute bezala...). Ez dakit immigrazioarena irtenbide bat izango litzatekeen, ez dut uste. Ireki beharko genizkieke ateak, ez daukat dudarik, baina ez gure gizartea gaztetzeko eta lan-indar gisa etor daitezen, ez gure pentsioak ordain ditzaten (eta gure adindunak zaintzen jarraitu, gau eta egun). Ireki behar dizkiegu ateak, kito; zertarako bat izan gabe. Baina berriro diot, hori ez da irtenbidea. Ateak zabalduta ere, denborarekin etorkina bera aldatuko du gizarteak, ez berak gizartea, eta nekez bihurtuko da ziba berriro piramide (Houellebecqen eleberriek kontrakoa marraztu arren). Gainera, ez dut uste atea irekiko diegunik eta, haiek azpitik eta gainetik pasatzean ere, ez daukagu lan makala gure artean normaltasunez hartzen (etorkinak ez daudenean nahi izaten ditugu, baina gero, iritsi direnean...). Egiturak berrordenatu beharko ditugu, ondasun banaketaren gaiari heldu beharko diogu behingoz, 65 urtera arte lan eginda (edo gutxiago! ), hurrengo urteak ere pagatuta edukitzeko nahikoa izan dadin. Bada, ordea, puntu bat honetaz dihardugunean ahanzten duguna. Beste banaketa batena, rol-banaketarena. Zaintzarena; eta elementu funtsezkoa da. Onar dezagun normalean esaten ausartzen ez garena: haurrak ez, emakumeak falta zaizkigu! Haiek arduratu izan baitira seme-alabak hazten zaharrak zaintzen arduratzen hasi behar izan duten arte. Eta gehienean hala izanik oraindik ere, gauzak aldatu egin dira: aldatzen hasi dira, esango dugu (adindunen zaintzaren kasuan ezer gutxi). Oso pixkanaka bada ere, jendartea aldatzen ari da, ari dira, eta hori dugu erronka, aldaketa horretan sakontzea, denok, eta orduan bilatzea irtenbideak, denonak eta denontzat, piramidea baino, egitura osoa irauli arte. Eltzea sutan jartzeko oraindik 2016-11-02 Joan den asteburuan jaialdi ederra izan genuen herrian, Hotz erakundeak antolatuta. Errefuxiatuei laguntzeko sortutako herriko elkartea —lan bikaina egiten dute, bai horixe—, hainbat ekimen egin izan ditu Europara iritsi nahian ari direnei laguntzeko eta esango nuke ona izan dela, orokorrean, haien ekimenetan jendeak emandako erantzuna, bolondres lanetan, ekarpenak egiten... Egiten duguna baino bost aldiz gehiago egin genezake, seguru, egin beharko genuke, baina jendeak egiten du, egin nahi du. Elkartasunerako badago eta, agintarien azken urteetan erakutsitako ezintasunaren aldean, herritarren maila altua da. Gogoratzen zarete Europako estatuetan hartu behar genituen milaka errefuxiatu siriarrak? Zenbat iritsi dira, 17, 36, 45? Europaren historian aspaldiko aferarik lotsa emangarriena izan dela esango nuke, mugak irekitzen baino ixten ahalegin handiagoa egiten duen Europan. Herritarrak dirua jartzeko prest ageri dira, errefuxiatuei laguntzeko, eta gobernuak errefuxiatuak etor ez daitezen jartzen dute dirua. Errefuxiatuak Lesbosen edo Mazedonian irauten edo Lampedusara bidean itotzen diren bitartean elkartasuna izatea erraza dela pentsatuko du hainbatek, salako sofako gure elkartasunari burla eginez hipokritatik duenagatik, eta arrazoirik pixka bat badu, elkartasuna errazagoa da sarenet bitartez egin daitekeenean. Baina bejondeiela elkarteoi, haien lana laguntza orain eskaintzea da, errefuxiatuak Europaren ateetan dauzkaten beharrei erantzutea, eta handiak dauzkate, ez itotzetik hasita. Hurrengo pausoa baita behin iritsi direla —iristen uzten diegun gutxiak— bizi ahal izan daitezen ziurtatzea, nola biziko diren baloratzea. Jakina da gure elkartasunak behera egiten duela une hori iritsita, eta bistan da gure eskoletan June eta Oier izenak nahiago ditugula Karim edo Jasmine baino —eta batez ere Arregi edo Ugarte izatea deitura, ez Benhacem edo Muradze—. Nahiago ditugu gure eskoletan eta gure seme-alaben lagun taldean, eta gure lagun taldean, gure Gabonetako ospakizunetan, gure pintxo-poteoan, eta abar. Zail baita, zail denez, nahasten ikastea, desberdina onartzea. Hitzetik hortzera dabilkigun hitza da bizikidetza, eta gaur egun batez ere gure gatazka politikoari lotua ibiltzen badugu ere, hitz horren azpian beharko lukeena, ene iritzi harroan, ez da ordu txikietan guardia zibil batekin borroketan edo tragoak hartzen egongo ote garen, edo PPko norbaitekin gosalduko dugun. Hori baino oinarrizkoagoa da bizikidetza, eta Gasteizen Los Pichis deitutakoen etxe atariko manifestaldiekin zerikusi handiagoa dauka. Su horretan daukagu eltzea probatzeko. Eta orain artekoetan... Familia batekiko gaitzespen sozial kolektibo hori arriskutsua bihurtzen ari da, gaitzespen kolektibo guztiak direlako arriskutsu. Nire etxera eraman ditzadala esango dit hainbatek, esango luketen bezala nire alaba bortxatuz gero ez nukeela berdin hitz egingo bortxatzaileen eskubideez. Eta noski, ez dakit zer sentituko nukeen kasu horretan, eta ez nuke nire etxepean eraso egingo ote didaten beldurtuta ibili nahiko, seguruenik Abetxukon eta lehenago Ollerietan batzuk ibili diren bezala, baina apustua balioak mantentzearen aldekoa izan behar du. Zaila, latza, eguneroko gimnasia eskatzen diguna; baina inportantea. Pentsatzen dugunaren arabera bizi gaitezen, bizi garenaren arabera pentsatzen ez amaitzeko. Hurkoa, eta ez diferentea edo kontrarioa, izan dadin bestea halakoetan erakutsi behar da. Ez deitura eta lanbidea maila berekoa daukanarekin, boto-paperean beste aukera bat hartzen badu ere. Herri harritu hau 2016-11-16 Harritzeko gaitasunarena maiz erabiltzen den kontua da, maiztua ere badagoena igurtziaren igurtziz. Harritzeko ahalmena galdutzat jotzen genuela esaten dugu harritzen garen bakoitzean, baliogabetuta geneukan ahalmena hala ere esnatu zaigula adierazi nahian, alegia, asuntoa benetan harrigarria dela adierazi nahian. Hamaika ikusiak ginen, bai, eta hala ere harritu. Eta harritu egin gara AEBetako hauteskundeen emaitzarekin, lehenago Erresuma Ezin Banatuzko erreferendumak harritu gintuen gisa, edo Kolonbiakoak, azken hilabeteotan durduzatu gaituzten hiru afera ezagun, nazioarteko, gogoratze aldera. Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu aukeratu izanak ez gaitu harritu, are gutxiago PSOEren abstentzioak, eta ezta hauteskundeak hirugarrenez egin izan balira irabazi egingo zukeela eta seguruenik aurrekoetan baino emaitza hobeekin. Hori ere esperogarrien zakuan genuen. Pedro Sanchez nola joan den, horrek harritu agian ez, baina askok uste ez zuena izan da. Nahiz eta gauza esperogabeak gertatu eta hurrengoan ziento bat diren eurek aurreikusi zutela eta espero zutela esaten dutenak. Eta berdin dio aurreikusi eta espero ez bazuten ere, iritzilariek ez daukate (daukagu) inolako arazorik hilabeteetan esan duguna hankaz gora errealitateak nola jarri duen ikusi eta biharamunean gertatuaz azalpen xeheenak emateko. Marxena hartuta, Grouchorena jakina, hedabideetako iritzi-emaileok lasai aldarrika genezake baditugula aurreikuspen eta azalpen irmo batzuk, baina errealitatea azaltzeko baliagarriak suertatzen ez badira, «lasai, beste batzuk ere baditugu; eta baita beste batzuk ere». Bizi dugun garai honek badu, harritzearenarekin bezala, haserretzeko ahalmenarekin antzeko konturik. Haserraraziko gintuzten azio handiagorik, bidegabekeria nabarmenagorik ez zegoela uste izan dugunean, hortxe agertu izan da Guardia Zibila eta Auzitegi Nazionala (edo Gorena edo...) guztiok bortitz ernegaraztera. Hamaikagarrenez hamabi ikusaraztera, batzuei pairaraztera. Posible ote? Ez, ez da posible, baina gertatu egin da, sei lagun espetxeratu dituzte Altsasuko zapatu gau bateko borroka harengatik... Baina ezta hori ere, ez dituzte horregatik espetxeratu. Kartzelatu dituzte Espainiako Estatuak ezarria duen egitura juridiko-polizialak agintzen duelako hemen, eta gertatu zena norbaitek larri ordain zezala beharrezkoa zeukatelako, beharra artifizialki sortu bada ere. Agintzen dutela, ez direla joan eta ez daukatela joateko inolako asmorik erakusten jarraitzeko premia —eta abagune aproposa— elkartu direlako. Hedabideen bitartez gizendu den elur meta bat izan da, gainera. Hedabideak ez direla errudun jo behar, mezularia ez dela salatu behar? Bada bai, batzuetan bai, kasu honetan bai. Salatu behar dira hainbat hedabide, hainbat elkarte, Guardia Zibila eta Espainiako biktima (batzuen) lobbya eta zenbait erakunde publiko. Egin eta defenditu dutenagatik, batzuk; egin ez dutenagatik beste zenbait. Gure herrietan guardia zibilek, epaitegi baten aginduz (alegia, eskutik helduta, batak bestearekin adostuta), zortzi gazte atxilotu eta sei espetxera bidali ahal dituenean afera honetan egin duen moduan, guk ditugun autonomia eta askatasun mailak ahuntzaren gauerdiko putza dira. Baina harrigarriena, edo etsipengarriena akaso, da ikustea asunto hau zein bazterrekoa den hainbat eremutan izan ezik. Oso eremu murritzetan. Gazteon paraderoak kezkatu behar gaitu, une honetan bai, baina luzera bestea kezkagarriagoa da. Harrizko herri hau. Ez. Herri harritu hau. Baina ez ustekabeak harrapatua, harri eginda dagoena baizik. Hain gloriosoa dugun eskultore zerrenda osoak ere lan ederra dauka bertatik ezer taxuzkorik ateratzen. Apalik ez, harro 2016-11-30 Jaungoikoaren aurrean» egin zuen Urkullu lehendakariak zina joan den larunbatean. Apal-apalik. Okurritu zitzaidan aurrenekoa, txistea, izan zen «jaungoikoaren aurrean? nola bada —galdetzea—, bart gauean hil da-eta?» (txistea Zaldi Eroak hobea, ohi duenez, egin zuen biharamunean). Baina halaxe egin zuen zina, jaungoikoaren aurrean. XXI. mendean, EAE izeneko eta akonfesionala ei den estatu-erdi edo erdi-estatu honetan. Estatu akonfesionala, bai, baina akonfesional kristau, katoliko eta praktikantea. Haren aurrean egiten dute zin, herritarron aurrean konprometitu beharrean, izan ere, gero zina betetzen ez badute datorrela hura kargu hartzera! Zigor gisa errezo batzuk eginaraziko dizkie, eta kito. Zina herritarron aurrean eginez gero ere antzera, badakit, bete ez duten makina bat promesa hitz emanda iritsi baitira asko aginte-makilak hartzera. Baina, serio, nik uste legez debekatua beharko luketela kargudunentzat bizimodu zibil eta politikoan jaungoikoaren presentzia, zinak, mezak, prozesioak eta bestelako pontekeriak; egin ditzatela kristauek haien etxeetan, pagatu gabe ere haien izenean erregistratu dituzten eliza eta ermitetan. Debekatu?, asaldatuko zait inor. Ez al haiz ba hi hain zuzen debeku ororen aurkakoa? Ba bai, debekua: agintari publikoak guztion ordezkariak dira eta ordezkari lanetan ari direnean ezin dute fede konturik ibili, fede hori mendebaldeko sekta nagusiari badagokio ere. Ez da, baina, erraza, eta ezta harritzekoa ere, Erlijioa eskolako ikasgai den toki batean, non erlijio gizon eta emakumeek (kritikatzen ditugun musulmanak bezala beloarekin ibiltzen diren horiek) oraindik ere eskubidea duten eskolak izan eta irakaskuntzan jarduteko, diru publiko parrasta batez hornituta. Eskolan etorkizuneko kristau berriak eginez, eta heziketa horretan hainbat didaktika molde erabiliz umeekiko kariño demasekoa gainditzen dutenak —eskola laikotan ere gertatzen da haurrak izorratzea, onar dezagun, baina erlijiosoetan sexu-osagaia nagusi da—. Baina bueno, hainbat haurren bizitzak betirako markatuagatik ere konponbidea erraza dute, arestian adierazi bezala: barkamena eskatu, eta penitentzia koxkorren bat, parrokia urrunen bat... Ona da beraientzat daukaten zigor sistema, batik bat haurrekin eskoletan baliatu izan dituzten zigor moduak ezagututa. Merkatu-legeen indarragatik (eta estatubatuarrei diegun sumisioagatik) Spotlight filma egin zitzaigun ezagun 2015ean, eta gomendagarria da, baina zinez film latza ikusi nahi izanez gero, honetaz, urte bereko Pablo Larrain txiletarraren El Club da ikustekoa. Iruditzen zait egiten dena baino askoz gehiago egin beharko litzatekeela, adibidez orain hizpide den Espainiako Hezkuntza alorreko Itun horren harira, puntu honetan zurrunak izanik: erlijioa desagerrarazi behar da curriculumetik, eta eskoletatik. Erlijioa ikasi eta irakasteko badituzte pagatu gabe ere haien izenean erregistratu dituzten eliza, ermita eta lokalak franko. Franko, k-z. Eta exijitu behar zaie sailburuei negoziatzean, hezkuntza alorrean ere gure singulartasuna lantzean, erakuts dezatela apalik ez baizik eta harro honetan ere singular nahi dugula oraingoz Espainian dagoenarekiko. Eta eskoletan planak egin beharko lirateke intsumiso izateko, zentroek erlijioa ez eskaintzeko, ez emateko (badaude batzuk egiten dutena, posible, beraz, bada). Eta noski, ezker adjektibo baino gehiagotzat duten indar politikoek ere ekimenik izan lezakete, halakoetan ere marra gorriak ezarriz, hauek erraz urtzen baitzaizkie. Eta igual bizitzaren bestelako alorretan: hedabideak (meza irrati eta TB publikoan! ), osasungintza, aisialdia... Baina ez da erraza. EAJk, luzaz bozkatuena ez dezagun ahantz, izenean darama nonahikoa. Arrakasta edo putzua 2016-12-14 Bizitza proba dela esamolde erabilia da, seguruenik oinarri handirik gabea gaur egun —esamolde erabili gehienekin gertatzen denez—, baina taberna- edo plazako filosofia tratatu horietan arrakasta duena: bizitza proba da, edo probaz betetako bide bat. Bizitzan aurrera egitea probak egiten aritzea balitz bezala, langa edo atakak gainditzea. Duela gizaldi asko, neolitikoan hutsunearekin gogoeta egiten has gintezen baino lehen akaso hala irudika zitekeen bizitza, proba-lasterketa gisa, kontrario ere imajina zitekeen natura baten baitan. Gainditzen bazenuen, aurrera, eta bestela... Ez dut uste probaz eraikita daukagunik egun bizitza, gehiago ikusten dut etapa eta bidegurutzeek osatua (hitz-joko erraza geratu zait eskura bidegurutze hitzarekin, baina ez dut espresuki egingo, nahikoa badauzkagu herri santu honetan, metaforikoak eta batez ere benetakoak). Funtsean erabakiak hartzea da, bueltarik gabeak batzuk, aldagarriak beste asko. Erabakiak, baina ez zehazki probak. Duela gutxira arte. Zeren eta natura basatik askatzen joan garen heinean probak desagertzen joan dira, baina zibilizazio basatienera iristen ari garela azterketak jarri ditugu totem. Orain dena da azterketa, eta emaitzen ebaluazioa, eta gainditu duzu edo porrotaren eremu latz eta gogor horretako kide bihurtzen zara. Azterketak eta emaitzak, eta gainera emaitza onak, ezta erdipurdikoak ere, onak edo oso onak. Txostenen gailurrean azaltzeko, gu, mendiak hankapean hartzen (eta puntan gurutzea jartzen!) famatua den herri hau. Beti puntaren puntan. PISA izeneko txosten horren kontuaz ari naiz, jakina. Nola uste baino nota kaxkarragoak atera ditugun eta larri jarri zaizkigun teknikari eta arduradunak. Zerbait egin beharra dago. Hobekuntza planak egin beharko dira, eta fite. Ikasle hobeak izateko? Ez. Gainera, zer da hobea izatea, PISAn nota onak ateratzea? Hobekuntza planak beraz... ikasle solidarioagoak izateko? Ez. Ikasle sortzaileagoak edukitzeko? Ez. Ikasle maitagarriagoak izateko? Ez. Injustiziaren aurrean ernegatuko diren ikasleak izateko? Ez. Desberdintasuna onartuko duten ikasleak izateko? Ez. Berdintasuna onartuko duten ikasleak izateko? Ez. Are gutxiago berdintasuna bultzatuko dutenak izateko. Disidentzia landuko duten ikasleak izateko? Ez... Antzeko ziento bat galdera bururatzen zaizkigu denoi, baita teknikari eta arduradunei ere, eta erantzuna denetan ezezkoa da. Baina berdin du: hobekuntza planak egingo ditugu hurrengo PISA txostenean nota hobea lortzeko. Xede horrekin bakarrik. Izan ere, larriena ez da nota, larriena da aurreko parrafoan esandakoa denok dakigula, ohartun garela, bereziki hezkuntza alorreko profesionalak eta agintariak. Baina alferrik: nota ona ateratzea da kontua. Lehendik ere ez daukagu erronka makala hezkuntza sistemarekin, curriculumarekin, pertsonak heztea bainoago eduki zehatzak (eta gero eta zehatzagoak) ikasleei helaraztea xede duen sistema batekin, lehia latzean dabilena (baina zentro arteko lehian, ez ereduen artekoan!! ), non zurruntasuna printzipio nagusi bihurtu den, ebaluazioa helburu azken... lehen ere badugu zer hobetua, esaten ari nintzen, hezkuntzari guztiaren kulpa ez botatzea besteak beste, baina txostenei erantzutea jarri dugu ardatz. Eta hezkuntzatik at berdin, azterketa eta ebaluazioa. Nota ona ateratzen duzu, edo porrotaren eremu latz horretara kondenatua zara. Arrakasta edo putzua. Salbu eta hezkuntza alorretik at nota kaxkarra beste digitu batzuekin gaindi dezakezula, neurtzen dela: kontu korronteko digituekin. Gure gizarte honetako pertsona arrakastatsuei begiratzea besterik ez dago, hain zuzen: haietako inor gutxik gaindituko luke PISAko gutxieneko nota. Leihatilaren iraunkortasunaz 2017-01-11 Herritarren eta Administrazioaren artean distantzia egon ohi da, leihatila batekoa batez beste. Leihatilak forma eta kolore desberdinak izan ditzake, baina neurria hori da. Iduri luke hutsa dela, baina izugarria da. 15 edo 30 zentimetroek ematen dutena baino askoz luzeagoa. Metro mordo batekoa, zeinak, inork kontrolatzen ez dituen bihurgailuen bitartez, bihurtzen diren amorru, desesperazio, tripako min eta hona ekarri nahi ez ditudan bestelako sentimendu erabat itsusiak, isilduko ditudanak indarkeria sustatu nahian nabilela inork esan baino lehen. Halakoa da leihatila, txikian oso handi, distantzia unibertsalaren sinbolo. Eskola edo auzi-geletako koxka bezala. Irakaslea garai batean, eta epaile jaun-andereak gaur egun (eta baita abokatuak ere, herritarraren defendatzaile izan arren), oholtzatxo batean jartzen dira, ikasleak edo epaigaiak baino goraxeago, eta koxka hori neur dakizkiokeen 15 edo 30 zentimetroak baino askozaz luzeagoa da. Metroak eduki litzake, zeinak bihur daitezkeen, bihurtzen diren amorru, desesperazio eta sentimendu aitorrezin horiek. Neomundu digital honetan, sotilagoa da orain leihatila. Mostradorea telefonogune bihurtu da, erantzungailu automatiko, hizketan egiten duen tramankulua. Edo, lurtarragoa, arreta-zerbitzu bakar zentralizatu bat. Zeina den une honetan modurik eraginkorrena herritarra ez atenditzeko. Zure aferaz ez, eremu horretaz arduratzen denarekin, ez nagusia noski, langilearekin ere jada ezin duzu hitz egin zuzenean, izen hori izanagatik ere dena baita zeharka, eta hainbati azaldu behar diozu zure arazoa, zure eskakizuna, atzera ere galdera berberak eta NA zenbakia ere berriro eskatuko dizun lankidearengana bideratu aurretik. Leihatila birtuala asmakizun ikaragarria da: ez du inora ematen! Ez da, baina, hartzen gaituzten langileen afera. Haiek ondo hartu ohi zaituzte (ia denek) eta ahalegintzen dira kasu egin eta eskatutakoa betetzen, arazoa konponbidean jartzen edo gutxienez zuzen bideratzen, baita edukazioaren mugetatik gora maiz, herritarrak tonuz kanpo harrerakoari entzunarazi nahi dizkionean erantzungailu automatikoekiko erretolika guztiak. Ez da langileena arazoa, ez funtzionarioena. Ez baita arazoa, Administrazioarentzat: antolamendua baizik. Mugetan, errefuxiatuei laguntze aldera gotortzen ditugun muga horiexetan, lodiagoak izaten dira harresiak, hesiak, txarrantxak izaten dituzte, hormigoi gogorra, burdina eta armadun guardiak. Baina horiek gaindi daitezke, lanjer latzak hartuta noski, zaurituta edo hila gertatzeko arriskuz, eta gero eta gutxiago zoritxarrez, baina iragankorrak dira. Leihatilak ez. Horregatik harresi eta hesiak indartzeaz gain, legegile eta agintariak jartzen ditugu lanean, hesiak gaindi ditzaketen gutxi horiek gerarazteko, eta lege, arau, xedapen eta dekretuak egiten dituzte, guztiek ere forma unibertsal bakarra hartzen dutena: leihatila. Eta gero, leihatila-piramidearen gailurrean, besoak gora Pasang Temba bailitzan, hautetsia dago. Herritarrengandik hurbil egotea hitzetik hortzera darabilena, arrangura nagusia hori duena, baina... zure desadostasun eta urruntasuna agertzen diozunean, bere jardunarekiko, esaten duena, Donostia 2016ri buruz bezala, herritarrak ez dutela ulertu, kontua dela agintariek ez dutela behar bezala komunikatu. Alegia, telefonoa belarrian inorengandik inorengana zaudenean jartzen dizuten musika ezin gorrotagarriago hori. Leihatila gorenak. Ahulak dirudite, hauskorrak. Baina ez. Kristala apurtu zenezake, mahaia suntsitu, hankak ken diezazkiokezu, gontzetarik atera, telefonoa txikitu, kableak bihurritu, ordenagailua masakratu... baina leihatilak iraungo du zutik. Urik gabeko hodeiak 2017-01-25 Gaur egun oihartzuna duena bada, eta gainerakoa ez da. Inporta duena oihartzuna izatea da, ahalik eta jende gehienek zure erreferentzia izatea, milaka klik lortzea zure mezuak. Zurea irakurri gabe ere eginak direla kliken erdiak? Bost axola. Mezuak ez du inporta. McLuhan aspaldi hilda dago, animalia preteknologikoa da, eta haren parametroetatik egungoa ez dago entenditzerik: gaur egun medioa ez da mezua, mezua igorlea da. Mezuak entenditzea, gainera, ez da inportantea, inportantea hor egotea da, joera da garrantzitsua, aparra like dugu zerbeza utzita. Hor gabiltzan gehienok gara kontziente horretaz, eraikitzen ari garen hodei honen hustasunaz —urik sekula ez daramanez, euririk inoiz ekarriko ez duena—, baina nekez egin geniezaioke aurre. 1.0ra itzuli beharko genuke —non gaude, 4.0n? 5.0n?—, edukira, baina horrek puxika hustea ekarriko luke, eta hori ez da komeni, ez da tendentzia. Itzuli beharko genuke teknologia erabiltzera ezagutza eta jakintza partekatzeko, teknologiaz profitatzera ekoizpen-baliabideak gureganatu ahal izateko. Baina zail dago. Ekoizpen-baliabideak une batez eskurago izan genitzakeela ahaztu zaigu, eta haien gainetik jauzi eginda, ekoiztea hedatzearekin nahasarazi digute. Eta hedatzen dugu, baina hedatzen dugu poteko kea, azpian surik ez daukana. Axola duena ez baita edukia, ezpada hor izatea: alegia, nor izatea. Ez bila, hala ere, ikuspuntu apokaliptiko eta antiteknologiko bat. Ez dut segapoto eta sarerik gabeko Arkadia bateranzko itzulerarik balioetsiko. Internet eta telefonorik gabe bizitzea posible da, eta seguruenik zoriontsu izatea, baina bizimodu horrek aukera asko ixten ditu, batez ere gizartea aldatzeari dagokionez. Aldarrikapena ez da teknofoboa, teknologiaren beste erabilera baten aldekoa baizik. Deus berririk ez, nolanahi dela, lagunak sare sozialetan beharrean benetan izan behar direla telefono-konpainiek eurek publizitate kanpainetan aldarrikatzen duten garaietan. Axola duena oihartzuna da. Audientziaren menpe bizi gara. Irismena da totema: irismen handia izatea medioek; lagun asko nabiganteek; bertxio asko mezuek; birbanatzaile asko argazkiek; eta abar. Jardutea. Zertarako jardun ez du axola, jardutea da kontua, eta zertaz jardun joerek esango digute. Eta nola hainbat botoi eta pantaila diferentetan partekatuko ditugun partekarazi dizkigutenak, libre garela sinetsita egingo dugu. Kearekin jolasean ari gara, zaborrarekin ez denean, baina aniztasunetik egiten dugula esan digute, ni bakoitza bat delako eta beraz ezin anitzagoa, eta kontent goaz. Inoiz baino uniformeagoak garenean. Eta inoiz baino desartikulatuagoak. Sistema honen erpinean daudenek —garai preteknologikoan zeuden berberak, eta haien oinordekoak eta azken urteotan igo direnak— kea erakusten digute, koloretakoa, ikusgarria, eta han katramilatzen gara suari erreparatu gabe. Zalaparta mediatikoa ona da, ez aztora, ez dut kontrakoa esan nahi. Gure hautetsiek eta komunikatzaile taldeek eta alderdietako aholkulari andanak kate honetako begi inportanteak dira, olio honetatik edaten dute eta beraz sentibera dira eta inportantea da agitazioa, beti izan da inportantea. Baina itzali beharrekoa sua dela ahaztu gabe —edo piztu—, kearekin ez baita nahikoa. Sadarreko pankarta baten bueltan gabiltza. Amorragarria bai noski (pankarta oro debekatzea da zalaparta honetatik atera daitekeena, baina hori beste kontu bat da), baina afera Iruñeko Sanferminetako gertakariak dira. Gizon gazte haien jokabidea, bortxatze kolektiboa, grabaketa, zakilean beste marka bat egin eta harro erakustea. Eta hori errepikatzen den jarrera dela ikustea, ez zela gertakari soltea. Hori da borrokatu beharrekoa. Hori da benetako gaitza. Pankarta kentzea da errazena. Para gaitezen 2017-02-08 Proiektuak Bilbo eraldatu eta birsortu egingo duela entzuteak halako zirrara eragin dit. Oso gauza serioa iruditzen zait hori. Pertsonon esku dagoela pentsamendu naif xamarra izan dut lehen kolpean, hiriak eraldatu eta birsortu pertsonek eta haien ekimenek eta haien bizitzek egiten dutela, ez hirigintza proiektuek. Baina gero eta gutxiago. Hirigintza proiektuek aldatzen dituzte hirien itxurak, baina ez itxurak bakarrik. Hain zuzen ere, gutxienekoa da itxura. Hirigintzak, lurralde ordenamendua deiturikoaren eremuan sailkatzen badugu ere, lurralde horretan bizi garenon bizimodua ordenatzen du. Etxeak egiteak, zenbat etxe, nolakoak, aisialdi eta kirol azpiegiturak, espazioak, errepideak, industrialdeak, merkatari-guneak... Hiriaren diseinuak eta konfigurazioak baldintzatzen du hirietan bizi egiten garen, edo soilik lo egiten dugun, edo lan, edo bisitatu. Gure bizitokiak gure bizimodua baldintzatzen du. Horregatik da hain garrantzitsua, maiz bigarren mailako kontutzat hartzen badugu ere, udalek batzorde gogaikarrietan landu eta erabakitzen duten kontua dela jokatzen badugu ere. Hurbilean dauzkagu adibideak: hiria munduari saltzen badiogu, bisitariak erakartzea helburu nagusi jartzen badugu, bizitza kentzen diogu, bisitak jarriz; biztanleen ordez bisitariak, eta azpiegiturak ere horretara moldatzen ditugu, negozioak aldatuz —dendak desagertu eta oroigarriak eta futbol kamisetak saltzen dituzten postuez betetzen ari dira hiriak, gehi gure aurrezkiezinekin gizentzen ditugun Inditexen salpostuak—, eta noski itsusia eta bazterrekoa dena kentzen dugu: industria, marjinalitatea... Donostiako pintxoaren parke tematikoa bidean da, eta aspaldian Bartzelonan izan baldin bazarete badakizue zertaz ari naizen. Tira, itsusi eta bazterreko guztia ez dugu desagerpen eta periferiara kondenatzen: beti uzten dugu hiriaren muinean, parke baten erdian eskuarki, eskultura edo eraikin zati bat gure iragan industrialaren akordua egiten duena. Zorrotzaurreko planaz ari naiz. Bost mila etxe egingo omen dituzte. Asko babes ofizialekoak, horrek herritartasuna eransten baitio ekimenari, nahiz eta nik pentsatzen dudan babes ofizialeko etxeak, egun antolatuta dauden bezala, loteria direla eta ez etxebizitza-politikak. Loteria, tokatzen zaionari euro milaka batzuk aurrezten dizkiolako; baina egiturazko arazoa konpondu gabe. Silvia Perez Cruzen kantuak nire artikulu guztiek baino hobekiago deskribatzen du egoera: qué indecente, qué indecente, gente sin casas, casas sin gente. Etxeak egingo dituzte, hortaz, eta azpiegiturak noski, eta espazio berdeak, eta bidegorriak eta... industria parke bi. Parke teknologikoak, jakina. 4.0 industria. Ez burdinarik, ez ikatzik, ez oliorik, ez zikinik. Puntako industria nahi dugu, modernoa, aratza. Inork ez badu esaten ere, okurritzen zait: langilerik ez daukana. Pertsonak dauzkana, indibiduoak, ze inportantea. Indibiduoak, gizartetik bakartuta, baina munduarekin konektatuta. Ez pentsa negarrez ari naizenik, baina. Aldarrika nabil plan horietan esku hartzeko, plan horiei esku sartzeko, eta gogor egiteko bete ez daitezen, betetzeko modukoak ez badira —agian batzuk interesgarriak dira—. Gentrifikazioei aurre egin behar diegu (guardia zibilen kuartelak gentrifikatuko ziren garaian geundelakoan, gehiago behar dira!). Pabellón 6 bezalako egitasmoei, antzekoei, eta hainbat toki degradatutan eta degradatu gabeetan ematen diren ekimen sortzaileei bide eman behar diegu, alternatibak eraiki, proiektuak bideratu. Hitz bitan: politika egin. Hori ere politika baita. Hori baita politika. Bizitzeko hiria egiteko, hiri biziduna egiteko. Para gaitezen pertsonaren alde.
AITZIN-SOLAS Broussain mediku eskualzale khartsuak maite baitzituen bihotzez eskualdun probintziak, laket zitzaion hango eremuetan barna zonbait egunen artetan iragaitea. Oinez zabilan ardura, aizina osoarekin. Abiatzean ez baitzuen gogoari emana norat hel, ez noizko, nun-nahi bazagon herritarrekin solasean, edo bazterrari so. Eta nolako begi erneak etzituen, beharriak zoin zabal etzatxikizkan eskuarazko hizkuntza edozoini! Bere biziko gozorik hoberenak Eskualerriari berari kendurik hil izana da. Orhoitgarrienak Donostiatik Bilbaorainoko itsas-hegiak, Lekeitio bid'erdi, utzi zaizkola zion. Haren ahaleko eskualzale guti orai, gutartean. Astia nun ginuke bertzalde? Urthe idorrak erori zaizkigu bizkarrerat: egiteko hanitz edo gutiegi, irabaziak xuhur, gogoa bethi artegatua... Noizean-behin baizik ez gitazke herritik athera, mendiez bertzaldeko joan-jin batentzat; orduan ere beribilez, tarrapataka, burrunban, begi beharriak gelditzen zaizkularik zoro eta burubarnea eltzagortua. Ikusi ala adituez zer derasakegu geroztik ahoz edo lumaz, mami hazkurritsu zerbait dakarkenik? Gauzen itxuraz, axalaz baizik ez gitazke mintza, izaitez nolako diren ezin dukegulakotz gure lasterkan zilatu. Irakurlea gogorkiegi jazarriko etzaitalakoan, ausartatuko niz halere, berriki auzoan eginikako itzuliño batez zonbait lerroren hemen ezartzera. Bioazi ene lumatik erori bezala. Irakurtu-arau adituko ez nuenak, hel egin beza, othoi, liburuxkaren ondarrean jarria dutan hiztegirat. Huni esker, agian elgar-adituko dugu biek, orai eta gero. J.E. Aldudetik, 1929-ko otsailaren 5-ean I MUGARAINO Agorrilaren lehen astezken-goiz batez abiatu ginen beraz Cambotik zazpi lagun —hiru gizon eta lau andre, bi beribil atherbedunetan— aratsean berean gibelerat sartzeko xedearekin, Loiolako ikusgarri omen-handikoez begiak betherik. Gerla-aitzinean lauzpabortz aldiz mendiez-haraindiko eskualdetan ibilia nintzelakotz, —zoin urthez ez nakike orai xuxen— lehen beribilean jarrarazi ninduten bidearen erakusle, jabe gidariaren eskuinetarik. Aro ederra ginuen. Gu abiatu orduko, iguzkiak suntsitua zuen luarraren sapak gauaz airatu langarra; zerua gora zagon, urdin zuhail; bazterrak ederki argitzen zuen, beroa sartzen zitzaiolarik eztiki gain-behera; lanhoetarik garbi, mendiak berak lirainago zitzaizkigun agertzen; landarerik xumeena uda minaren indarrak harrotzen zuen, eta bere erroen gainean lerdentzen. Aire onak bizkortzen ez othe dauzkigunentz ere gure beribilak? Erasia gogorrean lotu zaizkigu, behinik behin, bideari. Motorren joite azkarrak indartzen gitu guziak. Bagoazi gaztetuak hamar urthez, dena begi, dena beharri, gogoa arin. Etxeaz, ez gure egitekoez, ez herritarrez, ez ahaideez, ez gira gehiago orhoit. Bertze kezkarik deus ez dugu buruan, Loiolaren ikustea baizik. Ororen jatekoa, bi otoetarik baten gibeleko malan kokaturik, guhaurekin bagineraman. Cambo-Gainean leihoak idekitzen ari zituzten. Dena xori-kantu ziren erregebidearen bi bazterretako arbola handiak. Ezin erranezko lelo batean bagoazi Itxasuko zubi berri ederraren gain-arku azpietarik harat. Zer aro xoragarria! Nolako urustasuna geure baitan! Hau bizitzearen zoriona! Sartu giren errekako mazeletarik batean bizpahiru zilokek, lur-xuri metaska bederarekin aitzinean, orhoitarazten gituzte Luhosotik hurbil girela. Patar luzesko baten zolara jautsi-ta laster, aurkitzen dugu herri pollita, bere etxe apainduen eta eliza zaharraren artean artharekin zaintzen duena orok dakigun plaza zahar famatua. Ez Azantzaren, ez Larralden ukaldi gogorrek eta joko garbiak, ez Beheran ezkerraren beso bihurriak ez dute zorigaitzez ospetzen gehiago. Bidea ez dugu beharrik galtzen, hanitzek egiten ohi duten bezala Heletako alderat xuxen aitzinatuz, Luhosoko haran gixenak apur bat lilluraturik: jakinaren oldez eskuin gira motz-zeiharkatu, Doniane-Garazirat buruz. Ehun eta berrogoi ta hamar bat metretan, eihera tarro bat, leihoak eta teilatua zurituak, bainan ez irinez. Hemen dute porroskatzen, erhausten, garbitzen bere zikinetarik lur xuria, igortzeko gero Limoges- hirirat, porzelenakien gei. Adituak gira porzelenaren egiteko behar dela alde batetik, eta guziz, kaolin deitzen den buztina, bertzetik feldspath deritzaion harri xuri gogorra, eta pegmatite erraiten dioten bertze lurki batetarik lipar bat. Lehenbiziko bietarik ba omen du ausarkian eskualde huntako lurrak, Makea eta lekorne auzo-herrietako eremuak barne, bainan ez orotan berdin lodi, ez mamitsu, ez hel-menean. Diote, hurbileko aurkintze hoberenak hustu ondoan, Baigura-mendiko erraietan barna zilatzen ari direla orai. Atsegin dugu jakinik ez derabilatela alferretan lana. Bihurgune andana bat iragaiten dute gero errexki gure otoek, berriki zabaldu izanak baitira, bide-zola bera orozbat leuntzen ziotelarik. Baionatik Donianera joaitea, eta hemendik behar-orduan Iruñara, besta bat da bizi giren mendean; ephe laburrik barne, handiagoa baizik ez dela izanen badugu uste, Baigorrin harat Alduden barna, Ahadiko mendiaren sahetsetik, Iruñan sartzeko bidea otoentzat antolatua izanen denean. Solas horiek derabiltzagularik, Harnabarrea uzten dugu eskuin. Burdin-bideak erditsutarik urratu balin bazuen ere, ondikotz, erreka izigarri batez, etxalde gizenagorik ez dugu hanbat ezagutzen, nihun. Hango laborantza jaten bezala dute gure begiek, bere hedadura nasai ordokian. Errobia agertzen zaiku berehala, burdin-bidearekin haren eta gure artean; ibaia badoa naro itsas-alde, iguzkiak perekatuz han-hemenka, eta argituz dirdir. Hartzamendiren konkor gora bezain zabal eta gaitzak ez ditu zorionez orainokoan lehertu ibaiaren bertzaldeko bospasei laborari-etxe pollitak! Goizeko iguzkiari bat bertzea baino goxokiago badaude guziak. Multxoan, Bidarraiko auzo bat egiten dute. Ikus-aldi bakotx, berazten dautet bihotza, haurreko orhoitzapen batzuen mina bat-batean jabetzen baitzait. Heien ondotik goiti, Hartza inguratuz, ama-zenarekin igaiten nintzen bada, noizean behin, aitatxo eta amatxoren ganat... * * * Gure otoen zalua! Ikusmenean dugu ja Bidarraiko herria; ikusi orduko, haurren eskoletxea mutturrean goititzen zaion munhoari landatu zaizko gure behakoak. Han dira plaza, han ostatua, han apeztegiak; han, mail bat beherago, harateko hegiaren ozka batean apur bat sartua, eliza bera. Erromanoek egin zubi zahar beregizkoaren muthurretik etxe xuriño batzu, eslaian, harrapatzera bezala badoazkio petik gora. Munhoaren inguruan, ez urrunegi, mendi murritz gora batzu. Toki begikoagorik guti Eskualerrian. Grezian izan balitz holako bat duela bi mila urthe, segur erdi-erdian eraiki lioketela, marbrez, Olerkiaren tenplo bat. Adéma-Zalduby zenak egin zituen bakarrik hor ertor-etxea, eliza-pareta bat, eta, menuzergoko jeinua baitzuen, muble batzu ez nola-nahikoak. Bainan nork daki etzaizkonez hor berean Olerkiak bihotzean piztu, geroxago bere neurthitzetan aurdiki behar zituen urrezko pindarrak? Badu bertzela Bidarraiko herriak xoko laketgarri bat baino gehiago, bere ibarretan ere. Hala nola aldeanbertze iragaitera goazina: emazu, lats baten bi aldetarik, bospasei etxeñorekilako zabalgune bat, mendi-lerro handiari buruz idekia. Arrotzer hemen trikatzea goxo zaie; atzerritarrer, zonbait ilhabetez egoitea, osagarriaren ontzen. Edozoin bozten da ikusteaz beraz. Berehala zorigaitzez, harana hertsitzen da, errekatzeraino; mendiek elgarri hurbiltzearekin egiten duten artekak lur-xerranga mehar batzu baizik ez ditu uzten alhortzat; erregebideak, burdin-bideak, Errobiak, hiruek badaukate garaitikoa. Sartzearekin, gogoa den gutien bat ilhuntzen zaizu; laster jartzen zira bizkitartean; denik ere, luzesko badoalakotz erreka, lotsa batek uzkurtzen zitu; gero, etxeño bat edo bertze ikustearekin bidearen bazterrean edo mendi-mazelan xut, edo ibarño batean banakatuak, horra nun alegeratzen ziren; ondotik, bigarren ilhundura bat, etsimenduz guti edo aski belztua, arteka tinkatzen delakotz berriz; azkenean ilhundura, bozkario laburregia, lotsa eta batzutan izia bera gainditzen dauzkizu, estaltzen, esperantza bizi batek: noizbait bada noizbait, zerbait xoragarri behintgotz agerturen zaizulako esperantzak. Ezterenzubitik ala Urepelatik Baionaraino, noiz zabal, noiz hertsi, noiz herri, noiz bortu, nihoiz ez muthiri, Errobiaren harana holaxe da bidez-bide deramanaren begiekin, bihotzarekin ere ba, kukulaukari. Hortako bereko dugu hoinbertze maite, mendiez hunaindiko Eskualdunek. Erran dugun artekatik athera gireneko, horra nun zaikun begien aitzinean agertzen igurikian ginaudena: zelai gizen eder bat, Ortzaizeko zelaia. Bideak, inguru handi bat eginez, ordokiaren erditsutarik aldeanbertze geramatza gure beribilekin. Zendako ordean holako ingurua? Etxe-multxo bat aurkitu baitugu bi aldetarik, heien gatik othe? ala handik adar bat baitoa herrirat buruz, hunek hurbilago ukan zezan Baionatik Donianerako erregebidea? Sinets dezala nahi duenak: guk, ez dezakegu, ez bat ez bertzea. Halako ingurua, eta hain eztiki, egin izan behar balin badute gure otoek Errobiatik baztertuz, gure ustea da bidetako aintzindariek nahi ukan zutela, noizbait, han gaindi ibiliko zirenak aski luzaz eta astiki egon zitezin beha Arrosako xoko pinpirinari... Gutaz bezenbatean, ez dugu faltatzen. Toki berean lehengo guzien gainera, fotografia berri bat hartzen dute gure begiek; fotografia berri bat sortzen da eta atseginez bethetzen gituelarik hazten guru buru-muñen barnean. Bizi gireno, agian, nahiko dugun aldi bakotx edo berdin uste gabetarik erakutsiko dauzkigu, harek, Arrosako ibarra bere bizitegi apainekin, Arrosako mendia, aztaparkatzen zaizkon laborari-etxe xuriekin, Arrosako eliza bixkar baten gainetik zelaiari gibelaz dagona, ahalgetu nahi balu bezala inguruneko edertasunaren zoragarria. Hilarrien ikusteak gitu bakarrik apur bat ilhunduko, oraiko araberara... Horiek hola, hurbiltzen gitzaizko emeki-emeki Errobiari. Eskuin uzten dugu Baigorrirako bidea eta sartzen gira hamabortz bat kilometra luze ditaken erreka batean. Leunagoa da Bidarraitik Ortzaizerakoa baino; bi bazterretako mendiak berde ditu; zolan badauzka, hertsisko izana gatik, landa eta pentze batzu gizenak. Etxe guti bizkitartean. Gure sahetsetik ibaia, apur bat lohitsu, xurrungan jausten da, iguzkiaren hunkiak dirdira batekin han-hemenka kizkurtzen diolarik gaina. Aire goxo batek hanpatzen dauzkigu bulharrak. Begiak pausatzen zaizkigu. Errekatik landa, Azkarateko herriaren hegitik aitzinat goazilarik, ohartzen gira xoko hunek badituela lur batzu hautak, eskuaire bezenbat amodiorekin erabiliak oro. Gora hemengo laborariak! Bainan Donianeko zelai ederraren ikustea begiak zurituak igurikitu ondoan, ez ikustetik histen zaizkit ene lagunak. Larre-muthur batzu othartzen ohi diren bezala, urthetik urthera bizitegi berriz ari da alabainan estaltzen mendeal-elderat. Egoitza eder eta iraupeneko arras guti, bertzela. Berehala Uharte. Hunen karrika-buruan, xixtez ohartu gireneko harresi gorrats lodi batean idekitzen den athe bati, —Doniane-hiriko athea, alde huntarik— burrunban lotzen gira, eskuin, patar luze bati. Bideari hurbil, mendixkaren mazelan azkarki jarria, ondoan itzalpe batzuekin, aurkitzen dugu jauregi zabal eder bat. Donianeko zelai guzia bixtan duke, hunek; bainan adinak bere baitan sartua iduri du, eta aldetik gu bezala doakonari emaiten dio ahalako errespetu bat. Gogoa halere ene lagunek Donianeko zelaian derabilate. Ageri zait atsegabe dutela ez ikusirik, aditzen dutalakotz: «zendako bada hoin mozki itzuli gitzaizko bizkarrez?». Bihurtzen nitzaie bizi-bizia. Diotet Doniane-Garaziz gozatu nahi duenak ez duela guk orai arte gineraman erregebideaz joan behar harat, bainan ba burdin-bideaz; eta garalat jautsi orduko, Izpurako eliz ondorat igaitea duela hoberenik. Handik da, handik bakarrik, ontsa ezagun Donianeko zelaia, etxe berriek zorigaitzez geroago-gehiago jana, bai eta Donianeko hiri zaharra, bere inguruko harresi lodi gorratsak mendixkaren gaineko zitadelaren laguntzarekin hain gogorki zaintzen zuena etsaiaren oldarretarik; nahi bezala handik ditzazkezu ikus hiru herri elgarri josiak, bat bertzea bezain xoragarri, beren aldapa eta ordokiekin: Izpura, Doniane eta Uharte. Etsia ez dute hartzen ene lagunek, Lasako herri bildu, ñimiñoa eskuinetarik, bazter-aire, ikustearekin baizik. Ttipia izanagatik, ez du batere gaixtoa iduri laborantzako. Hirugarren erreka batek, bertzela, osoki bahitzen dauku gogoa: nolakoa izanen othe zaiku, hunatekoan ikusi ditugun bien ondotik? Biekin baduelarik eite, bietarik eiken da. Hertsatzen duten mendi-pareta goraskoak ez ditu leun, arbola zonbait lotzen bait-zaizkote; ez latz, ez baitute arkaitzik. zolan, pentze eta alhor batzuentzat bada doi-leku. Ur-handia ez da baitezpada zabal, barnasko balin bada ere ohatzen. Laburra da erreka; bospasei kilometra baino gehiago ez duke bururen-buru. Eta zelaiik ez dugu zeren iguriki harateko puntan, baizik herri xuri pollit bat: Arnegi, emokatua bezala bi mendi-lerroen arteko xokoari. Zortziak eta erditako, zubiaz bertze alderat helduak gira, muga zubi-erditan iraganik. Karabineroekin badugu orai behingo lan, errezibidore jauna ez omen dutelakotz jaikia. II NABAR-GOITIN HARAT Anartean bagaude behin errekari beha. Nun dira ordean, duela bi urthe lanho baten lehertzez goititu zenuhalde izigarriaren herexak? Etxe-sahets baten arraildura baizik ez da orai ezagun. Ixtudiant gazte bat, sotanaz jauntzia, ikusten dugu etxe batetik atheratzen. Atxo xahar bat hurbiltzen zaiku, guk deus galdegin gabe erraiten daukuna, begiak dirdir, badituela aurthen eskoletan Arnegik hamabortz apez-gei. Karanbilo! Fede suharrekoa ditake Garaziko xoko hau! Errezebidorea ez bizkitartean ageri! Igitzeko, ezpata-sista baten beharra baluke nunbait, alfer zotz zarek, Primo de Riverak berak emanik... Oren bat osoa baderamagu tokiaren gainean. Noizbait, haatik, karabinero batek ekartzen dauzkigu gure paperak: erdi lotarik, kirrimarra batez sinatu daizko aitzindari nagiak! Bagoazi karraskan mendi-mazela bati goiti. Laster, huna Luzaide, bere karrika labur eta elizaren inguruko etxe-multzoñoarekin. Bainan zer erreka ikaragarria gure ezkerretarik, bere basura zolan! Arnegikoari darraio, edo, hobeki erran dezadan, Arnegikoaren hastapena da; bainan hertsiago hanitzez bere petik-goran, eta hiruzpalau aldiz bederen luzeago. Bethi goitiago geramatzate beribilek. Gu gorago, eta xutago gerenda, barnago ere ba. Amilka eror baginte, ekaitz batek bota balitza han-hemenka kasik dilindan dauden etxeño batzu, zer itzulipurdia leize-behererat!... Bihotza pilpil bagoazilarik, agertzen zaiku atxe-multzoño bat erreka-hegiaz bertzaldetik; urrunago, Luzaideko elektrik eihera aipatua. Noizko ordean helduko gira mendi-leporaino? Etsigarria da, zinez, hogoi kilometra luzeko patar hau, bihurgunea bihurgunearen ondotik. Bide ona da bizkitartean, eta askitto zabala; erreka hertsiaren bertzaldeko mendi handiek gozatzen ere dauzkute begiak. Oihanez estaliak ikusten ditugu, ostotsu, gordin. Aire hoxpil batek phagoen abarrak, farrastatuz, elgarri xaflatzen ditu xurruntxa ezti batekin. Erdi-lotsatuak baratzen gira eta jausten, gibelerat behatzeko. Erreka gaitza, diogu berritz orok batean, gain-behera gure begiez ikher baitezakegu bigarren aldikotz, kasik Arnegiraino. Bizkitartean, lurra ez baita larrutua nihun, belharrak estaltzen baitu eremu guzian, gaineraino helduxeak ere baikitazke, gerendari beha egoiteak ez gitu orai hanbat lazten. Begikoago zaiku halere eta laketago Izpegiko erreka; Izpegi, Baigorri herriko ikusgarrietan orhoitgarriena. Han, errekaren mazelak larre idor izana gatik eskuin ala ezker, arkaitz-mokor batzuek tokika goxoki beltzuritzen dituzte. Aithortzeko dugu, bertzalde, sei kilometra baizik ez dela luze Izpegiko patarra... * * * Iragaiten dugu azkenekotz Ibañetako lepoa, Hainbertze mende huntan hainbertze miliun gizon, hanitzak armadetako soldado, bere arteka xabalari esker bidatu dituen lepoa. Napoleon Handiaren soldado aipatuak, zonbat etzen zuetarik eskualde hotan galdu, 1811-ko itzuli deithoragarrian! Zeren bilha zinabiltzaten ere hemen gaindi, zortzigarren mendearen ondartsurat, Charlemagnen gizonak, Roland gaizoa buruzagi? Egia othe da Charlemagne adostua zinutela lehentxago Moroekin? adixkidantzaz emana zuela Moroer, Zaragozarekin, Aragoniako bazterra? Moroak alderat koka zitezin Eskualerrian, Charlemagnek zuela urrarazia Iruñako hiria zaintzen zuen harresi gora? Egia balin bada, Eskualdunek bazuten zertaz izan hasarre, zuzenak Frantziako erregek ostikatu zaizkotenaz geroz; ostikatu, Nabarreko hiri-nausia Moro higuinari idekitzerainokoan. Ala, haratekoan nola hunatekoan, gure menditar gaizoen arthaldeer zineten gehienik oldartu?... Dena den, lepoaren bertze ixurkian, lepotik berehala, huna egun Orreaga, bere komentu famatuarekin. Zoin zahar orai, zoin huts eta hits, komentu hau bere etxe-andana gaitzarekin! Nork erranen luke bazirela noizbait, hortik atheraiak, bospasei mila fraidetaraino, erleak beren kofoirat bezala horrat biltzen zirenak noiztenka? Badakiguia ere Eskualdunek, komentu hortako fraide gaizoek zituztela, hamabigarren mendetik hamaseigarreraino, laguntzen Frantziatik Santiago Compostellakorat (Galizian), mendiz-mendi eta oinez bide egiten zuten beilatiar fede-azkarrekoak? Zaintzale hek ukan ez balituzte, zonbat gehiago frantses eta eskualdun zintzo etziren hilik geldituko, gure mendi-zoko guzietan gorderik zauden ohoinek buluzi ondoan garbiturik! Baratzen gira. Agur bat zor dugu Roland zenaren lagun hoberenetarik zonbait ehortziak izan ziren tokiaren gainean eraikirik dagon kapera komentukoari. Ttipia da, ilhunskoa. Ez dugu astirik sakristiak dauzkan elizkizunetako untzi eta jauntzi aberatsen ikusteko; ikusi gabe utzi behar dugu halaber komentuko liburutegia, adituak girelakotz berdin ez dela gehiago han Nabarreko erregeek gainean zin egiten ohi zuten zilar-estalgiarekilako liburu handia. Bertzerik ikusi nahiak dira orobat hemen gure andre lagunak, guziz bat. Nun othe da, gainean jartzen zitzaizkon emaztekiak amageitzen zituen harri aipatua? Abiatzen gira galdeka. Bizpahiru orreagatarrek ihardesten daukute ez dakitela; bertze batzuek, hitzik erantzun gabe, beren sorbalden goiti-beheititzeaz eta begien harritze larriaz, erakusten daukute beren ez-jakinarekin batean halako ahalge izi bat, guretzat berdin bitxia segur nola baita gure galde pikor tupustadakoa heientzat. Argirik ezin ukanez, neraman otomilaren jabea sartzen da azkenekotz alhor batean, hemen orga bat etxe-ongarriren hustera doan laborari zahar batek badakikela, nehork jakitekotz. Sarde-gider puntaren gainean trebesatzen ditu gizonak bere besoak, besoen gainera burua ukurtzen, eta irriño batekin ezpain-xokoetan: —Ez da gehiago hemen harria. Duela bi urthe eremana du berekin Burgozeko artxapezpikuak. Arras mehatua zen... Uste etzuten berri hau entzutearekin: «joanen gira beraz Burgozerat», diote gure andre lagunek bixi-bixia, apur bat samur Orreagatik harri hura kendu izan delakoan. Orai behintzat, ez lukete opor osorik nahi: «harria ereman badute, utzi dukete arabez Orreagako mirakuluen bertze ithurburua: komentuko pentze batean sortzen den ur-hotxa?». Hasiz geroz, mirakuluz-mirakulu hegaldaka baitabil emazteen irudimena, eta hamekak joak izana gatik Loiolarat baikinuke egun berean xede, agertzen dut ene barneko khexua... Berriz otomobiletarat iganik, adio erraiten dugu behingotz. Orreagako herri ñimiñoari. * * * Erregebidearen bi bazterrak hesten dituzten zuhatz-lerroen hutsgunetarik, ordoki bat gaitza agertzen zaiku eskuin ala ezker —guziz ezker— mendixka batzuek inguratzen dutena urrundanik. Laster, zuhatzik ez dugu gehiago betare bide-bazterretan: oso-osoan huna orai ageri, bi aldetarik, Auritzeko zelaia, den akasik pentze eta larre. Zortzi ehun metra goratasun badituzke munho hunek: ez ditake izan bazka-leku baizik. Eremuño batean ikusten dugu behi andanaño bat; zaharoa eskuan, zain badagote, itzea bezain xut, unhaia. Aldude eta Urepeleko behi batzu behar bada, jabeek hunenbertzeko batean zonbait ilhabetherendako harat asetzera igorriak. Bitxi zaiku haatik nolaz bada ez den mendixketan oihanik: pinoak bederen ez othe lezake har? Sugeiaz bertzalde, heze gehixago eman lezoke zelaiari, eta hunek belhar nasaiagoa aberentzat. Alhagia murritz iduritu baitzaiku eta ez Frantziako aldean bezain musker, baditake hobendun ere den Nabar-Goitiko iguzki samina. Bainan jin giren tokietan baino zendako ditake hemen saminago iguzkia? Berotzen badu gehiago Nabar-Goitin, ez othe da Nabar-Goitiko lurra idorrago delakotz, tinkiago, gogorrago Lapurdikoa baino? Gogoeta horiek ximixta bezala dabilzkitalarik pindar-ilhaunka buruan, Auritzeko etxe-multzoaren erdi-erditik bageramatza emeki bideak. Herri ttipi pollit bat da Auritze, bere etxe xuri garbietako leiho margoztatuekin; etxeek, apal izana gatik, teilatuko lau ixurkiak biziki gora dituzte eta xut, neguko elhur-erauntsi lodiek ez ditzaten leher. Ixurkiak erran dugun moldean izanez, elhurra edo lasterrago da urtzen edo lurrerat erortzen amilka, nahiz hegatz hertsi bat badaukan trebeserat teilatu-inguruak, begiarentzat, nik uste, behereko hegi murritzaren leuntzeko. Otomobil andanaño bat aurkitzen dugu karrikan: udako toki goxoa omen zaiote hau, Madrileko egoiliar batzuei. Tenore huntan haatik bero egiten izan behar du, hemen, nun-nahi bezain. Herritik atheratzean, ezkerraz agur bat igortzen dugu mendixkek gordetzen daukuten Ahezgo idorrari, eta berehala jausten gira bi lerdoin larrutuek hertsatzen duten erreka bati behera. Han gaindi zabilan «scout-boy» batek erakutsia dauku oraitan. * * * Jainko maitea! Ahezgoari bizkarraz itzulirik harroan baikinen, Auritze murritza zela baikinion, erreka hau da, hau, zinez murritza! Ohantze harritsu itxuxi batean koskatuz, bidearen sahetsetik gurekin badoa beheiti lats mehe bat, neguko erauntsiek larritzen dutenean larderia handiko ditakena. Bidearen ezkerretarik, latsaren eskuinetarik lerdoinen mazelak bethi ta buluziago agertzen zaizkigu; legar-zuri-mokor batzu lerratzen zaizkote kaskotik zolaraino; arraildura batzuetarik ezagun da gei beretik egina dela lur-barnea; han-hemenka, bizkitartean, ilharka motz batek jaunzten dio, bere lore ñimiño amuskoez apaintzen ere ba den gutien bat, azal kazkarra. Bizpahiru ehun metraren buruko, zabaltzen hasten da izpi bat, guneka, erreka hertsi kakola. Huna, bi aldetarik, gari-landa ttipi batzu, berriki ebakiak. Kizkia bera urre-kolore dago: kizkien arteko belhar gaixtoak ere iguzkiak eta zola gogorretik airatu sapak horailduak dauzkate. Lerdoin konkor biribilen orde, mendixka batzu ditugu orai eskuin ala ezker, zuhatz bat gabe, ttutturruan ala mazeletan arkaitz zurpail izigarri batzuek khabarrotuak. Ez behirik, ez ardirik ez dugu ikusten. Eremu hits, agorrak!... Ixil-ixila bagoazi gure beribiletan patar eztiari beheiti. Zeru urdinetik, jostatuz, iguzkiaren iñarrek kizkietako urrea eta mendietako legar zuria argitzen dituzte eta orozbat berotuaren-berotuz kixkailtzen. Bizpahiru kilometretarik, bide-bazterrari hurbil aurkitzen ditugu hiruzpalau herrixka. Etxe gehienak elgarren ondoan dituzte, direnak eliza ttipi baten inguruan kurubilkatuak. Bazterrari doazkon laborari-etxeak: leiho txar batzuekin, batere emokatzekoak ez thindatzekoak, harri lantu gotorrez eginak bizkitartean, bainan haize, euriek, erhautsarekin batean mendez-mende ñabar-likistuak. Erreka zabaltzen da apur bat. Bidearen eta ibaiñoaren sahetsetarik gari-alhorrak erakusten dauzku bethi urre-kolore; azauak oraino gainean dituzte, etxerat eremaitekoak. Ebakitzeko lana bururatua da orotan. Epailerik nihun ez ikusirikan ere, gogoak emaiten dauku igitagiaz egina izan dela lana, ez segaz, are gutiago mekanikaz. Etxe zonbaitetan ekarriak dituzte bizkitartean azauak larrainerat. Badugu uste «larraina» deitzen duten, hemen ere, etxetik hurran lurra joz eginikako ordoki ñimiño biribila. Ezpartzutik askatu-ta, haren gainean ari dituzte hedatzen azauak. Abere pare batek edo biek, buztarturik, beren harat-hunat ibiliaz zangopean bihitzen dituzte gero. Iguzkia samiñ izana gatik, gizonek poneta dakarte buran; begitartea zimail dute, eta gantza arin. Ogi-joiteko mekanikak ezagutuarren, moda xaharrari badarraizkio zuhurki, gizagaizoak: zonbatez xahubideak ez dituzte horrela gutiago! Aroa lagun, etxekoz-etxeko egiten den lana da merkeenik, ahantzixea balin badugu ere Lapurdi eta Benabarreko aldean. * * * Sigisaga erreka latz, bere moldean osoki begiko hura oren-erditsu batez iraganik, sartzen gira Agoitzeko herri tarro bezain hutsa ohatzen duen xilokan. Gaude ez othe direnetz Agoitze eta Luzaide, bat mugaz hunainditik, bertzea harainditik, biak goratasun berean. Bazterra, hemen ere, berdin buluzi. Merkaturik ez balu, Iruñatik ez balitzaizko iragaiten egun guziez beribilak, Zaraitzu eta Erronkari, Ziberoako alderdirat goititzen diren bi eskualdun erreketako herrietarat, Agoitze ez litake berez-bere gauza handirik. Bere bizitegi larrien gatik, hutsa iduritu zaiku hango karrika makur, luze, kakola. Orai artio eguerdi-alderat baikinoazin, bihurtzen gira bata-batean mendealerat buruz. Eta zonbait ehun metraren buruko, zer ikuskizun zoragarria! Zelai bat gaitza, begi-ukaldia hel ahal baino luzeago, bi kilometra bederen zabal, erregebidea erdiz-erdi, eremu guzia urre-kolore. Alhor gutitan datza azauak; garia sartuxea da eta jadanik ehoa, bihia geroztik selauruetan idortzen ari. Arimarik ez da ageri nihun. Nihun ez dezakegu berex baratze bat, ez zuhatz bat, bide-bazterreko bakar batzu baizik. Han-hemenka herrixka bildu batzu, harri gotorrez eginak oro, bainan apaindurarik gabe; nork daki noizko iguzkiek apur bat horailduak, harri hek ere! Zelaiaren bi aldetarik, erregebidetik urrunsko, aipatu herriak zolan, mendixkak dira guziz ikusgarri: mailka zaizkote gari-alhorrak igaiten mazelari gora, gailurreraino batzuei. Bihotza jauzten zait, malda heier so nagolarik, urgoiaren ondotik ilhundura batek hausten dautala bizkitartean laster: zuen bizi xumearen atheratzeko, zer lanak ez dituzue hemen erabili, zer nekeak ez jasan eta zonbat mendez ez, ontasunarekin batean odola utzi daukuzuen arbaso maiteak! Orai niz garbiki ohartzen zer hazta daukan, eskualde hotako hizkuntzak dakarran «garesti» hitz sarkorrak... III NABARREKO HIRI-NAUSIAN Beribilak firrindan badoazkigu. 70 kilometra irets bailitzazkete oreneko. Iruña! Iruña!... Lehengo errege Nabarrekoen hiria huna nun dugun berehala begien aitzinean, munho ttipi bateko ordoki-gainean jarria, iduri alde orotarat so: baituke ere zeri egon beha, munhoa zelaiaren erditik eraikitzen delakotz, eta zelaia bera oixtiko mendi urrunek dutelakotz eguerdi ala ipar aldetik hesten. Aspaldiko orde, zelai huntan hala-nola hirian ikusten dugu zuhatz-andana pollita, atsinartzen baitute gure begiek. Sartzen gira Iruñan patar ezti bati goiti, kazerna berriak diren hegitik. Barnaxago bagoazi, datxikola, etxe-andana handi baten artetik, berriki eginak hok ere. Adituak ginen jadanik Iruña urthetik urthera aitzinatuz zoala, ederrago, garbiago, argiago ereba, urrundanik ekarri ur eta elektrikari esker. Ez dezakegu uka badela aurrerapen asko, bainan ez baita arabez merkatu ez besta eguna, nehor guti da ezagun karriketan; erdia lo bizi dela Iruña erraitera ginoazke, ez bagine orhoit San Ferminetako jaiek urthe guziez, aste bat dirauno, burburbur pizten duten alaitasun erhoaz. Beribileko ene lagunak behatzen du xixtez buru-gaineko saretik dilindan ezarria duen sakelorenari: hamabiak eta hogoi! Ez othe da berantegi, hiriko edergailuen ikusteko? Sartzen gira etxe gora batzuek lau aldetarik hesten duten Plaza Castillo aipatuan. Inguru guzian etxeek egiten dute arku-azpi; harrizko itzalpe goxoagorik ez dakigu badenez nihungo hirietan, nahiz ez den ageri hemen saltegi eder bat bakarra. Bi «kafe» handi ba haatik zoko batean, zumezko jar-alkiek hartzen daietenak parreko arku-azpi guzia. Bihurtzen gira erne kathedraleko alderat, eta hemen baratzen. Heltzearekin, hamar bat haur itxura-gaiztoko lotzen zaizkigu oihuka eta aztaparka beribiler. Ukondoez leihoetan bermatuz, lepoa luzatzen dute barnerat, zer guzier behaka; sudurraz hunkitzen gituzte kasik. Irri egiten diotet gozoki, orhoiturik gaztean hek bezalako batzuek zoin jakinki eta gogotik zautaten erakutsi, behin bat edo biez, hiria. Beribilaren aldean xut, huna haatik hamasei urthetako muthiko egin bat, beldurtzen nauena; zamar urdina soinean, galtzak histuxeak, espartin zabal batzuetan oinak biluz, larrua horail lodi du eta behakoa beltz, dirdira leunekoa, beribil-barnerat ikherkan derabilana begiak guti igituz. Soa gu-ganat itzuli ere gabe segurtatzen gitu, mintzo ezti batekin, beribila nahiko dugun bezain luzaz zainduko daukula harek. Jausten gira, besoez baztertuz xeheria ausarta. Muthiko txarrak aiher baitzitzaizkon azkarki, gibeleko beribilaren jabea ohartzen niz ari dela bereari athe guzien hesten gakoz. * * * Kathedrale-sahetseko mailer gora bagoazi, Baionan egiten ohi dugun bezala. Omen handiko eliza da hau. Jakintsuek diote, Carlos hirugarrena eta haren emazte Leonor Castillakoa zirelarik Nabarreko buruzagi, hamalaugarren mendearen ondarrerat zutela Eskualdunek eraiki, ordukotz Parisen asmatua izana zen ara berrian. Huna nola: Bazter-harresiak guneka beheretik gaineraino gogorki lodi; harri lantuz eginikako estalgi arkatu xutaren jasaile, harresi hek; harresi hek berak teilatuaren jasaiteko, teilatu bat behar baitzen alabainan harrizko estalgiaren euritik beiratzekotz: hegatz-alde, beraz, teilatuko gapirioak bazter-harresietako gain-hegietan pausatuak; leihoak gora bezain zabal, tenteño batzuez petik goiti zatituak, eta gain-alderat ahoa xorrotx. Ordutik haste, ara hortara zituzten egin elizak, aitzineko mendetan baino hanitzez luzeago eta zabalgo egin beharrez, doi argirekin orozbat. Biziki zabal nahi zutelarik leihorra, barnetik zango azkar batzuen gainean eraikitzen zituzten bertzalde, soailuraino, bi harresi lodi, erran dugun harrizko estalgi dorpea etzadin eror, eta harekin batean teilatua. Hiru barne-zerranga bazauzkan geroztik elizak, erdikoa gorenik, eta hiru soailu. Soailu bakotxean, begiaren gozagarritzat, azkarrago izan zadin ere estalgia, harri lantu batzu lerroan ezartzen zituzten, zorro biribil konkor bederarekin gain-beheiti. Lerro bakotxak iduri zuen, ordu beretik, gapirio arkatu bat. Harrizko gako azkar batzuetarat heltzen ziren gaineko muthurraz gapirio hek, soailuaren ardi-erdirat, batzu zeiharka, bertzeak trebesean xuxen. Horra zer moldetan egina izan zen, bertze asko bezala, Iruñako kathedralea. Denik ere, bazter-harresiak hain lodi egin zaizkoten non harrizko arku arin batzu ez baitziotzaten ostikoan eratxiki kanpotik, Baionakoari bezala. Hunen araberalat haatik, badauzka barnean hiru egoitegi luze, erdikoa gorenik, zabalenik ere ba, Baionakoarena baino zabalago. Jakintsuek kausitzen diote bizkitartean akatz bat: aitzinaldea, bere ezkila-dorre lau hegiekilako apalskoekin bazterretan, eta, erdian, sarguiako bere atherbeñoarekin —hau harrizko zango batzuen gainean xut— hanitzez berantago egina izan omen du aitznalde hura, dena ere ez garaitikoari eman zen molde beretan. Garbiki erraiteko, badu eite kotsua theatre batenarekin. * * * Sartu orduko, sakristaua han dugu edergailuen erakusle. Ohartzen gira aldare-aitzina hetsia dela burdin-ziri gora batzuez, burdina ingudian jorik eginak. Bainan bitxikeria hau duzu: kalonjeen jar-alkiek eta elizako kantoreak jendeen aitzin-aitzineko jar-tokiak hartzen dituzte, haletan non mezatiarrek ez baitezakete ikus aldarea! Kantore eta apezen jar-alki, zurezko kaiola handi bat bezala dauzute egiten, gainetik eta aitzinetik idekia, elizaren trebeseko bideak aldare-aitzineko grillatik berexten duena. Ikusgarriak dira haatik zureriari datxizkon esku-lanak. Damurik da eliza ilhunskoa: ezin ditazke xeheki ikus, ez ditzazkete ere begiek gai litazken bezala ikher aldarearen gibeleko erretaula handiaren zati margoztatuak. Erran dugun kalonjeen jar-alkietako ozka-lanak ez gitu halere nehor harritzen. Ezagutzen ditugu guziek St-Bertrand-De-Comminges elizako eskulturak, Luchoneko ondoan, Frantzian ez nihun ez baita bertze hainbertzekorik, hala nola harriaren gaineko eskulturentzat ez baitugu uste baden Chartresko kathedraleari nausi izan ditakenik. * * * Sakristauak bageramatza, orai, sartu ginen athearen parreko bertze athe batetik harat. Eta plazaño bat inguratzen dugu kalostrazpiz-kalostrazpi, zabalak hok eta osoki miresgarriak beren soailu arin xorrotxekin. Iduri luke harat-hunat irakurtzen ibiltzeko, edo aire hartzeko bederen, eginak izan direla. Ez bizkitartean. Ohartzen gira berehala harri handi, zabal baino luzeago batzuez zolatuak direla; harri hotarik bakotxak badauzkala ere xixelaz askaturikako bi marka, noizbait burdinazko bi erhaztun gotor kokatzen baitzitzaizkioketen han, altxa-gidertzat. Erakasten dauku sakristauak Iruña-alderdi batetako hilak zituztela lehengo mendetan harri heien azpian ehortzen. Ontsa orhoit baniz gaztean ikusiez, elizaren beraren erdiko egoitegia halaber zolatua bide da. Eliza bere kalostrazpiekin hilerritako izana da beraz noizbait, elizkizunetakotz bertzalde. Huna orai bertzerik. Kathedralea, sahetseko bere plaza kalostrapiz inguratuarekin, San Agustinen ordenako fraide batzuek omen zuten zaintzen, eta arthatzen beren esku-lanaz. Sakristauak erakusten dauku fraideen egoitza: kalostrazpiari lotua, elizaren sahetsari datxiko halaber. Huna, barnez-barne, fraideen jan-tokia, orai kaperatzat derabilatena kathedraleko buruza giek; huna fraideen sukaldea bera. Hamar bat metra luze, bertze hainbertze zabal, gogorki gora, soailu arkatu xorrotxaren erdi-erditik khe-bide luze batekin goiti, soailuaren lau kantoinetarik zirritu batzuekin, khearentzat hok ere arabez! Zolaren erdi-erdian, lehengo su-tokian, marbrezko mahain bat, sahetsak nola hegiak antze handirekin lantuak, Carlos errege eta Leonor erregina zirenen hobia estaltzen duena: mahainaren gainean luze-luzea etzanik senar emazteen marbrezko gizairudiak elgarren ondoan, batek ala bertzeak bere harrizko korona buruan. Sukalde bat hilerritua errege eta erregina batentzat, ez bide da hanbat ikusten nihun holako sukalderik.... * * * Sartu ginen athe ederretik bagoazi erdi-lasterka kanporat, ni lehen. Beribilak ikusten ditut nehor gabe inguruan, haurrek aserik utzi jostagailu batzuen pare. Erna! erna! daiet egiten mokorki ene laguner: bazkariterat joanak ditugu gure otoen zaintzale maitagarriñoak; eskupeko sariaren beha ere ez dute nahi ukan gaixoek egon! Abiatzen gira berriz burrunban eta berehala karrika bethean gelditzen, bi botoila arno onen erosteko, lauzpabortz ogirekin. Beribiletarat berriz! lehen bai lehen jaustekotan haatik gure ahamenaren jateko, ezen ahulduak gira guziak eta beranta ditake. Aldeanbertze baderamagu bigarren aldikotz hiria, ohartzen girelarik xixtez karrika eder, zuhatz eta loredun bati —Paseo de Valencia ez othe?— eta heltzen gira musika-joiteko atherbeño bat erdian daukan itzalpe baterat. Zer toki ona, elgarrekin goxoki bazkariteko! bainan gazte-andana bat buruz-buru heldu baitzaiku, ez oro itxuraz gardatsak, eta eskelari soberaren beldurra baitaukute emaiten, bagoazi zalu munhoari behera, mendeal-alderat. Eguerdi baino gehiago ez ditake orobat, oren zahar. Bagoazi, bagoazi bidez-bide, bainan nihun itzalpe goxorik ez ezagun, han-hemenka zuhatz argal gazteño batzu baizik ez. Ogi-leku da hemen ere zelaia; mendixka larrutu batzuek zaintzen dute ipar-aldetik. Huna, hogoi bat minutaren buruko, Irurzuneko herri bildu tarroa, Iruña-inguruko abere-merkatu handienetarik bat. Tipust-tapastean, beribileko ene lagunak behatzen du goiti, saretik dilindan ikusiren duelakoan zertsu tenore den. Behakoa goiti, eskua ondotik atzemanka, ikherka..., bainan gathearen muthurra baizik ez ageri beheiti! Ikher berriz eta berriz, bainan debaldetan. Ni ene xokoan, barneak ordukotz erakitzen dautalarik. Etsiturik azkenean, erraiten daut eztiki, itxuraz odol-hotz: —Muntra ebatsi dautate... Zilarra baitzen, ez urrea... Hiru ehun liberaren galtzea badut halere... Goazen aitzinat... Oixtiko muthiko tzar heien lana ditake... Ahalgez urtua nago nere alkian. Itsu izan niz beribilaren ez gakarazteko; haurra baino haurrago, ez ohartzeko lapur xikin batzuen lehia gaixtoari. Beribila bera ebatsirik ereman zezaguketen, okaztagarriek! Zainhartago zangoa bere khexuarekin, lasterragotzen du oraino ene lagunak motorraren itzulika. Zonbait ehun metraren buruko, huna zorionez bidearen ezkerretarik haritz-oihan pollit bat, bere itzala erregebidearen arditsutaraino hedatzen duena. Jausten gira, sartzen oihanean burdin-harien artetik ixtaklok ukurtuz, jatekoak guahurekin baderamatzagula. Hemen bederen gure otoak begien aitzinean idukiko ditugu... Ez niz sobera fida, haatik: erregebidearen bertze sahetsari luzatzen da laborari-etxe handisko bat, batere emokatzekoa, eta leihoak idekiak. IV BAZKARIA Hariztegi hunek garbia zuelarik iduri, ez dugu bizkitartean errexki aurkitzen toki xahu bat nun bazkariteko jar. Barnasko atzemaiten dugu azkenan behar-bezalakoa, bospasei haritzondoren artean, erdi-iguzki, erdi-itzal. Sorhopilan hedatzen daukute andretarik biek dafaila, mahaineko untzi eta tresneria guziarekin, bertze lagunak bizkarraz zutoier ahal bezain erosoan gaudelarik, elgarri buruz-buru. Bainan zer jateko urintsu, hotz, usain gozo gabeko, muthiriak! Pizteko orde, lotsa lezagukete zinez barnea, ez bagine oro gose amikatuak. Bego nausi etxeko xokoa, eltzetik bafadan athera salda beroarekin. Urriki dugu Iruñan ez gelditurik, ostatu on batean. Zer bitxikeria bertzalde, halako hiri zahar orhoitzapenez hanpatuari ikuska gehiago ez emanik! Gai zitaken bada, nihun izaitekotz bat, bere jauregi, museo, udaletxe, liburutegi eta eliza ederrez. Kathedraleak berak merezi zuken egon gindizkion astikixago beha; etzaikularik nehori iduritu Baionakoa bezain arin eta begikoa barnez, orhoituko gira gure bizian haren gorputz gaitzaz eta sahetsari datxizkon kalostrazpi miragarriez. Nun da ere, erraiteko, Strasbourgekoan izan-ezik, Baionako eliza-nausiak daukan erdiko egoitegia bezain lirainik? Norbaitek miresten du bertzalde ez dugula ikusi San Frantses Javierekoaren sor-etxea. Egin ginuken gogotik, gure bidean izan balitz; bainan, Iruñako bertzaldean da aurkitzen Javier, urrunsko, iuzpegi-alderat. Nabar-Goitiko ogi ona lagun, baderamatzagu kilimiliklik xerriki hotz xeheak eta lotuak gira ja biperrekilako arroltze-moletari, noiz ere ohartzen baikira gure bi botoila Rioja hautak hustuak ditugula azken xortaraino. Berrogain bizkarra! Emazteek berek zoin gogotik hurrupatzen duten arnoa oihanean!... Ordaintzat, batek eskaintzen dauku urez betherikako botoila bat, ezin-bertzean hartarik bederen dezagun edan: orok ezetz, burua inharrosiz urari beltzurika... Hainbertzenarekin, laborari-etxearen aitzinean agertzen zaiku haur bat, bi begiez guri beha eta beha, bere zangoñoen gainean tente. Etxe hunek badauzkazke egoiliarrak, badukete arno xorta bat, ihintz bat sal lezagukete segur gogotik, dio berehala ene beribileko lagun sakelorenaz gabetuak, eta badoa eskuz-keinuka haurraren ganat. Ikusten ditugu biak etxean sartzen, aita seme batzuen arteko trebearekin elgarrentzat. * * * Zonbait minuta iragaiten zaizkigu, aiduru. Ba, hobendun gira egiazki —derasa oixtiko gure mintzolariak, bere solasari jarraikiz— Iruñan luzazago ez egonik. Eskualerriko hiri guzien artean aipagarriena da Iruña. Hamaseigarren mendearen hastapenean, Espainiako errege Ferdinand Katolikoa deitzen dutenak hartu zuen, bainan, nahi bazuen edo ez, nabartarrer utziz beren zuzenak. Geroztik hunat, Nabar-Goitiko hiri-nausi dago bethi Iruña. Espainiaren meneko izana gatik, berez-bere dabil asko zeretan; hango buruzagier daude gehienik, gaur den egunean ere, Nabar-Goiti probintzia zabaleko eskualdunak, hein batean —ez dakigu noiz artio— lege zaharraren jabe, hala nola arbasoetarikako ekanduen bai eta mintzaiaren. 1521-ean, Jean d'Albret kondeak, Biarnoan, Amikuzen eta Garazin-barna Iruñarat jo zuen bere soldadoekin, hiriaren Espainiari kentzeko xedetan; bainan jin-bidetik itzultzea behartu zitzaion, ederki zafratua izanik. Nabarreko erregeren alde gudukatu zen orduan Inazio Loiolakoa. Saki bat itsusia egin baitzioten belhaun batean biarnesek, zalditik alditxar erori zen aitzindari gaztea, eta ereman zuten ordu berean Gipuzkoako bere jauregirat. Loiolaren ikusterat gu abiatuak egun, ez denez bada deithoragarri, ez baitugu hartu-ahal oren-erdi bat, San Inazioren orhoitzapenetan Iruñan eraikia izan den eliza handirat joaiteko, ikustaldiz!... Duela mende baten ingurua, Iruñak gogor egin zion halaber Napoleon Handiari, hunek itsumenduz ezarri zuelarik Espainiako erregetzat bere aneia Joseph; bainan, xo! ez ditzagun hemen lehengo zauriak berri... Irria heldu zaiku berdin orori ezpainetarat, ikusiz gure arnoketaria emeki gutaratzen, botoila beltz bat eskuan. Orozbat ohartzen gira badirela orai, laborari-etxearen aitzinean, ez bat bainan hiru haur, elgarri ukondoz-ukondo, lerroan guri so daudenak begiak ernerik. Ordu oneko jina dugu arnoa, oilasko-errekia zintzurrean kokatzen zitzaikun. Badut uste haatik, derraiku karkailaz ekarzaleak, txakolin-pinta bakar hau aski ukanen dugun aldi huntan. Erhiaren lodi hartzen dugu bakotxak geure basorat, usaintzen, jastatzen, ahurraren barnean berotuz untzia. hauta kausitzen dugu guziek. Badu, ba, Axularrek erran zukena, zahagi-zapore kotsua, halako jan-edan bethe bat ere ba; berriskoa dirudi; irestearekin, sudur-barnetarat gibel-aitzin lanhotzen da pindarka; bainan zer berotasun gozoa ez deramauku laster urdailerat, hainbertze urinki hotzer gain-behera su eman nahi baliote bezala! Itzal handiko arnoa da zinez xakolin hau; hurrupañoka dugu edaten, beldurrez... Oilaskoen ondotik maionesa ruso titarratu guri leun bat xirrixtatzen dauku eta akulatzen zalu patarrari behera: berdin laguntzen derauku bidean, mahats melatuz jorikako pudding tinki bat. Zorionezko xakolina! Hiru haurrak hurbilduak ditugu hariztegiaren hegiraino; burdin-harien artetik beha dagozkigu, sagu batzuen pare. * * * Gasna. Tuaxak. Madariak. Xakolinetik azken hurrupa. Etxearen leiho batetik ukurtzen da, erregebideari harat-hunat so, emazte adinetako bat. Ez iduria gatik, ohartu zaikegu. Haurren ondotik othe zabilan, bertzerik deus gogoan gabe?... Hemen bederen, español olio higuingarriaren usainak ez gitu nardatu, dio niri buruz itzulirik gure zerbitzarietarik batek. Egiaren aithortzeko, zor naizkon eskerren bihurtzea ahantzia zitzaitan. Gai zenez da guzia haatik, hainbertze jateko eta halakoak guri emanik. Han ginen bi medikuek lauda ginezakena zinez, baginakielarik bidean dabilanak guti duela behar jan —ogi eta gasna baizik ez, ahalaz, zaharren eta jakintsu zonbaiten arabera— eta edan are gutiago: xahakorik ez derabilanean, ithurriko uretik bakarrik noizean behin zintzurra bustiz. Olio-urrin bortitz hura baino jasangaitzagorik bazen, lehengo urthetan bederen, Nabarreko eta bertze probintzietako ostatuetan, diot ihardesten noizbait zerbitzariari. Espainiako olioa berez-bere ona da, hoberenetarik; urrinari gizonki edozoin jarria zaioke zortzi egunik barne. Bertzerik da garbitasun-eskasa: huntaz etzuten den-gutieneko axolarik hemen-gaindi, lehen. Mahain-gainak okaztagarriak zituzten, jatekoak hautak zituztelarik eta gogaindigarriki nasaiak. Ez niz, bertzeak bertze, orhoit janik nihun eskualde hotan bezalako saltsa onik. Ikasi duketela garbitasuna geroztik hunat, ez dut bizkitartean dudarik. Lurraren ipar-aldeko atzerritar hanitz baitzabilkion ikuskari, diot ahoan bilorik gabe Lapurdi aitzinatuago izan dela bethi garbitasunean. Ganberak, aldiz, arras garbiak aurkitzen nintuen probintzietako ostatuetan. Bakarrik, oheko zomiera zen, lauetarik hiruetan, erditik gain-behera kraskatu, hautsi, lehertua: erreka hertsi batean luzaturik zineraman gaua. Gaztelarren gain zoan bethi zomieraren askatze itsusi hura. Egia erran, aditurik nago ez dela, Europan, nihun ikusi gaztelarren sorjesekorik oheen xehatzeko, bainan ez dakit egia denez. Ostatu hetan, atheratzen ere zaizkizun ba ardurasko, ohe-zur arteketarik, zimitz batzu guriki haziak. Zer harritzekoa ordean? Ez duguia Biarritzen berean ikusten, oraiko egunean ere, horrenbertze? Ene otomobil-lagunak keinu eginik irriño batekin, hiru haurrak jinak ditugu aitzinerat urrats ñimiñoka, erabearekin begiak larrituak., sorbaldez eta buruz zeihar-airean. Norat zoazkioken, etxetik atheratzen da oixtiko emazte adinetakoa, eta guri so gelditzen. Bihotz oneko bezain sudur xorrotxeko baita ene laguna, solas emaiten daie erdaraz, ondorat bilduak dituen bi nexker eta muthikoñoari. jakiten ditugu izenak, adina, aitamak zer ari zaizkoten. Soin xumeko haur batzu dira, xuhurki haziak itxuraz, bainan xailak beren ginartza mehean. Pastitza-xerra bat eskaintzen daiegu bederari. Eskuan idukitzen dute, hunki gabe. Zendako bada? Para la mamá, daukute ihardesten hiruek, kasik batean. Ohartuko zirete ardura, jende xeheen umeek sendimendu maiteagoak erakusten handienenek baino, dio bihotz-bethez gutarik batek. Atheraldi gotorra! Irriño bat jauzarazten dauku bertze bazkaltiarrei. Eskuaraz deitzen du orai gure lagunak haurren amaxo. Jiten zaiku emeki, urrats luzean haatik, soin-gaina den-gutien bat aitzineratua. Hiruetan hogoi ta hamabortz bat urthe eman zaioken atxo gurbil bat, zurpailduxea, zimurtua apur bat, ttipoi batez gerruntzetik goiti jauntzia, taulier-kantail bat petik-gora zeiharrean gerrirat bildua, zangar-behereak zaia xaharraren azpitik larru-has, espartin ihetxe batzuetan oinak zabal. Motho adardun histu batek gordetzen dio buru-gibela. Bere begi beltz ttipietako dirdira iduri luke zorroztua diotela urtheek. * * * Eskuaraz gogotik, lorietan, dauku erantzuten emazte xaharrak; solas guti haatik: ihardesteko baizik ez. Asko xehetasunen artetik, hau badatxikogu gogoan: ez girela lehenbizikoak, oihan hartan ikusten gituenak; udan noiz-nahi baratzen direla han donostiar familiak, gu bezala lurrean bazkariteko. Bertze zer hau ere ba: garia bihitzen dutela larrainean, bi behi uztartu espalen gainean lasterka erabiliaz; haratxago badela ba —erhiaz erakusten dauku— herri bat, orok elgarrekin partzuer jarririk, gari-joiteko mekanika erosia badaukana; makanikaz joiten dutela ba han garia, ba, ba, bainan... Sineste ttipia du atxoak, hobeki heltzen direla herri hartako laborariak, beren moda berriarekin. Biziki garbiki, ederki kasik, mintzo zaiku eskuaraz emazte gaixoa; ez du arras Gipuzkoako mintzaia, ez Baigorri-aldekoa, ez lapurdikoa; halere, ezin xuxenago heltzen daukute adimenerat mihiak, ezpainek, jabearen gogo-erabakia. Haurrak, jan zazue bada pastiza hori, huna oraino gainera tuaxa eta madari batzu, diozte ene aldekoak, eskuaraz, bi nexka maitagarrier eta muttiko pollitari, udareak eskainiz. Bat ez da hiruetarik kantitzen; eskuetan dauzkate tinki madari, tuaxa eta pastiza. Gu harrituak, haurño heien begiratuaz. Orduan amaxok: —Erdaraz mintza zaizkiote. ez dakite eskuara. —Eskuara ez dakitela! Nolaz bada hori? Zuk badakizu ontsa bizkitartean! —Nik, ba. —Ama da, orduan, ez dakikena? —Ama ene alaba dute. Badaki eskuara ene alabak. —Aita beraz, ez dakikena batere? —Aitak ere badaki ba, haratxagoko herri batetakoa da-ta, Iruñ'alde. —Eta haurrek ezdakitela eskuararik batere! ? Burua inharrosiz, amaxok adiarazten dauku ezetz, ez dakitela haurrek eskuara-hitzik. Axola handirik baduela ez du haatik iduri, ez da kexu, etzaizko den-gutienik gorritzen mathelak. Ixildua orai, behakoa ximixtan derabila gure dafailako ondarretan gaindi. Comed, diote azkenean erraiten bere haurtxoer, eta hok ausikiño bat doidoi pudding-xerrari, garaitikoa oso beiratzen dutelarik Para la mamá. Bagaude behin gure aldetik, ez jakin zer asma, zer erran ez jakin. Nunbaitik solasari berriz lotzeko, galdegiten digogu atxoari etxetiar direnez, ala etxezain, ala etxearen jabe. Etxetiar dio, eta etxaldeaz guk elhe. Aditzen dugu badela lan hanitz, jiteak xuhur direla, bizia garesti, arrandak handi, zonbat abere-buru duten, zer uzta biltzen urtheka. Aditu bezala ditugu hartzen emaztearen erranak, begiz ez baititzazkegu egizta. Iduri luke bizkitartean alderdi huntako etxetiarrak gogorkixago bizi direla, nausiarekilakoaz bezenbatean, Hazparne-aldeko dazkigun batzu baino. Baditake haatik etxetiarrak hemen-bezain guriki ez diren nihun, erran nahi dugu etxetiarrak Hazparneko eskualdean. Abiatzen gira dafailako pusken biltzen. Amaxok bere taulier beheitituaz altzo, nexkek beren jaka laburrez ohantze, muthikoñoak bere besoez ustei. Baderamatzate hiruen artean direnak oro, hiru botoila hustuak ahantzi gabe, esker-mila eta agur bietan erdaraz erranik, ezpainetan irriño bederarekin, begiak idurikatzen zuten afaritekoñoari landatuak. V BAZKAL-ONDO Ezin-egon batek hartuak gitu guziak. Jar-tokiz aldatzen gira, etzaten, jaikitzen, etzaten berriz, burua pisu, zangoak malet, gogoa totolotua. Beroarena othe den —samin baita beroa itzalpean ere— ala Rioja eta xakolina othe zaizkigun beren oldar gaitzean nausitu? Loeria bat, ororen gainera, betespalak erdi-hestera deramazkuna. Eian hortik ixtorioño bat, daut eskatzen irriz «Oihanarteko» andereak; iduri zait beharra baginukela, sekula ukaitekotz... Ikustateño hori, segur zor diotala ene aminarre on maiteari. Bainan ez bainiz hain fleitean nihau ere! Ez dakit nola, hurritu baitzait ene buru-muñetako jogia!... Doala bada helduan-heldu ene ixtorioñoa, diot mihi-zabal ihardesten, eta hauxe badarit nolazpait: Eskualde hotakoak bide ziren Garro'tar hiru aneiak, hamalaugarren mendearen erditsurat, 1336an, bizitzera jin zirenak Gerezietarat, Lapurdin. Ontsa jakin-nahia egon izan niz bethi, zoin herritakoak zitazken sortzez, Nabar-Goitin, gizon hek. Nehork ordean ez nu argitu-ahal nihoiz. Bertze aldi batez Iruñako liburutegien ikhertzea behartuko zait nihauri. Anartean, aditurik dakitana erranen dauzuet: gerlari batzu zirela hiruak Nabarreko erregeren meneko, jende xumeetarik ororen arabera, bainan emeki-emeki aitzindarigorat helduak. Ase bide ziren azkenekotz menpeko ibiltzeaz, Gerezietako zeluri gixena hautatu zutenaz geroz egoitzatzat. Biga ezkondu omen ziren, hirugarrenak donado hiltzearekin apur bat aberats uzten zituela bertze biak. Hok aitatik semera, umez ume, aldaskatu ziren Lapurdiko bazter hoberenetarat, Landesetaraino hedatuz. Gerezietako etxeñoa gaztelu egina zen mende baten buruko. Zonbat jende handi athera den handik, Baionako eskualdun museoak balakike; hanitz, diotenaz. Eihartu zen bizkitartean azkenekotz familiako arbola, eta hil: gain-gaineko abarraren puntaren puntatik, «oro emaiten eta oro bere ganat eremaiten dituen lurrak» zeramala hura ere, zen erori, lauetan hogoi ta bederatzi urthetan, ondoriorik gabe, Garro'tarren endako azken umea, baron Armand d'Urtubie de Garro, nik ezagutu dutan Garro'tar bakarra. Ez dut behinere ikusi haren soin-izari oneko gizonik. Zer urrats bizia, bertzalde! Eta zer buru-jasotze ederra! Odol handikoa zen, pindarra zarion. Ez dakit haatik noren ganik zituen, edo nundik, begi urdin garrez-betherikako zuhail hek; etzuten Nabarrekoak iduri kolorez. Zintzurretik mintzo zen, idorki. Manua manu zen haren ahotik. Jauntziz ere ez da halako jaunik agertu Gerezietan, ez eta hanbat bertze nihun. Eskuara maite zuen eta mintzatzen garbiki. Beraz, egun batez, muthiko gazteskoa nintzelarik oraino, jauregirat joan behartu nintzaion. Aurkitu nuen jan-tokiko sutondoan, zangoak surat, bere pipa beltx fina astirekin murtxatuz ahoratzen zuela khe. Jar-arazi ninduen ximinia-xokoan, eta maltzur-maltzurra: —Bazkari hitsa egin diat egun, puttil!... Ah! etzuian, ez eskualdun bazkaria... Ez hurbilik ere... Badakika gero hik, zer den eskualdun bazkaria? Ixil-ixila nindagon erabez, begiak larri, bi beharriak zabal. Ezetz erran nion, ahapetik, kasik izitua. Sinesten ahal nuzu: ez nuen oraino jan, adin hartan egun oihan huntan egin dugun bazkaria bezalakorik. Harek, aitzina: Bazterra frango badiat kurriturik, ikusirik ere ba mahaian ederra frango. Bainan bego bethi nausi eskualdun bazkaria. Eskualdunek bakarrik zakie jaki ona zer den, zer eta nolako jakiek duten egiten apairu ona. Geroago harrituago nuen entzuten Garro jauna, herriko auzapeza ere baitzen. Adizak ontsa, puttil, eta ez ahantz. Lehenbizikorik, harzkik hirekin hiru lagun onak, ahalaz adin, jite eta gostu beretakoak. Etxe-barneaz ez axolarik ukan, garbia den ber; mahainak dik izan behar, mahainak guziz, garbia: dafaila xunaren gainean, ahorat poxien eremaiteko zerak ez bakarrik xilarrak, bainan zilarrezkoak. Emazterik ez mahainean! Zerbitzaritzat haatik neskato gazte gurbil, eder, mathela gorriño bat etzaitak niri hastio. Bahiza? Orai, segidan, oren bat barne: oilo-salda, ogi-axal gogorño batzuekin, amarrain uretik athera-berriak olioan errerik, erbia saltsan, errekitzak bihian hazi oilaskoa, entselada lagun. Ura heldu baitzitzaitan ahorat, galdegiten diot orduan gora-gora: —Eta gero? Ez dut ahantziko bizi nizano zer behako garratzaz itzatu ninduen ene xokoari. —Gero?!!... Penarekin ikusten diat ehizala izanen, hi, sekula deustako; aseko hiz behar bada noizean behin, jaki onaren jakituz jaten jakinen dukan ez diat uste. Gero, to, ardi-gasna-xerraño bat, ahoaren garbitzeko, eta pastiza-xafla mehe bat, ahamen bat edo bien doian. Kafe beroa ondotik, ez beltzegi ez azkarregia, kopa bat koñaka fin, eta zigarro ontto bat, pipa baino laketago zaionarentzat. Bertze oren bat jan-edan eta ondoko horiendako, artetan gozoki eginez irri, alegia zonbaiti esker. Aitzinxago emana zaundan sista bihotzaren gaineana bainuen, oldartu nintzaion aitoren seme hari: —Arnoak? —Arno bat, bat bakarra, ahalaz Medokeko gorritik; dena, neurriñoan. Hortan, haatik, etzaundan arras egia erran. Handik zonbait urtheren buruan bazkariten gertatu bainintzan harekin Lekorneko dakizun etxe batean, eta eskaini baitzioten amarrainen ondotik Sauternesko arno xuritik, ikusi nuen ahotik ezin utziz ttinttaka zeramala, harritzeko begirunearekin. Supazter-xokoko azken solasa, hau izan zuen ene alderat jaun baroinak: —Orhoit hadi, nik erranik: eskualdun bazkaria bezalakorik ez duk. Harek bakarrik dik egiten eta uzten gizona dena odol, dena ginarri, dena zain. * * * Ez dakit amak ontsa hartzen zauzkitanez solas harrosko horiek oihanean, ez othe nuenez ere ohartu-gabean apur bat apaldu egun hartako bazkaria; dena den, irriño batekin entzun ninduen bururaino. Bertze lagunak ja aspaldiskoan loa ezin-garaituz zabiltzan, burua koskatuz batzutan haritzen enborrari. Ez ninduten hek aditu; aditu banindute ere, baditake lokartuko ziren berdin, ene kondera luzeak loa emanik, ematurik bere zilinaz xakolinaren beraren zihika gaixtoa. Bat-batean ikusten dut ene otomobil-gidaria aharrosi handi batekin besoak goititzen, gero eskuez betespalak thorratzen, diolarik oihuz: Nun gira hemen?... Zer tenore da?... Beranta ditake engoitik!... Goazin berehala norapait, kafe bero batez lanho dorpe hok ditzagun lehen-bai-lehen aizka. Xutitzen gira, eta oihan hartan bethierekotz utzirik gure bihotzetik zerbait, berriz igaiten otomobiletarat. Bide-bazterreko laborari-etxearen leihoetarat etzaiku agertzen nehor... Bospasei minutaren buruko, herri bat; hobeki erraiteko, erregebidearen bazterretik eskuin eta ezker etxe-pollit-lerro bat lauzpabortz ehun metraren luzetasunean: Lekunberri. Geldiarazten ditut otoak: bada hemen hôtel bat hauta, duela zonbait urthe aloitu zituen hazpandar batzuek Lapurdirat ekarri zuten omenaren arabera. Lekunberrirat jiten da bertzalde gaztelar hanitz, indarren berritzera udan. Mahain bat bezain ordoki da zelaia; gure begi-ukaldi laburra ez da ohartzen badutenetz orhoitgarri zerbait, ipar ala eguerdi-aldetik hesten duten mendixka lerroek. Iguzkiak erre nahi du, hanbatenaz non ez baita zuhatz handirik ezagun, bide-bazterretakoez bertzalde. Zertako othe duten gaztelarrek hunarateko lerra hoinbertze, zoazi zu. Hiruak eta erdia ditake. Herrian sartu orduko, hôtela ikusia dugu eta begiztatua. Etxe handi bat da, ezkerretarik, bertze guziak baino larriagoa. Erregebiderat du athea. Zabal, gibelerat luzesko, bi estaiez gora da, harri pikatuz hegitu leiho nasai batzuek airez eta argiz bethetzen dutela ausarkian. Ipurdi-sahets bati badiote eratxikia, trebes, zati berri bat. Orotarat, berrogoi bat ganbera, gure ustez. Begira badu eite zerbait Itxasun bide-bazterrean aurkitzen denarekin; handiagoa da bizkitartean eta azkarkiago egina, Lekunberrikoa. Badu jende. Barnez-barne bagoazi etxe-sahetseko terrazarat, alderdi zahar eta berriaren juntak egiten baitu han iuzpegirat itzal, eta bertzalde begien aitzinean hedatzen baitzaiku pentze ñimiño bat, dena platanaz landatua, dena alki: aire hartzeko toki goxoenetarik, guziz tenore huntan. Hiritar andanaño bat badago ja itzal-azpietan, batzu irakurtzen, bertzeak esku-lan zerbaitetan erhiak borroka. * * * «Café de curé, sans chicorée», dugu jarri orduko manatzen. Ozpine! zuken egin behialako beskoiztarrak, gure kafea jastatzearekin. Beltza da ba kafea nahuzun bezain, kafea beroa da behar bezala, bainan kafe-liparrik ez du gure kafeak: dena xikorea da kafe hau! Hobeak dira denik-ere ondokoak; ez haatik mendiez bertzaldean ohi direnak bezain onak. Etzaitela khexa, daut erraiten ene aldeko hurrupariak: kafezko kafea ez da arras toki gutitan baizik edaten Espainian; gei guti sartzen bide zaiote itsasotik, zergak handiegi izanez edo... Ez niz khexatzen bertzalde, khexa ez naiteke: iguzki-beroarena othe den, ala ene ixtorio luzearen akidurarena, ala ene lagunen oixtiko idurirat xakolinaren pottokak aurdikitzera neramanez, loak hartzera noa. Badihardukot bizkitartean nolazpait, ez aise. Oihan-aldeko etxetiar-etxean dabilkit, ilhun, gogoa: nola mirakulu ehortzi dukete han gazteek amaxoren mintzaia? Ezin dezaket asma. Emazte xahar haren beraren hobena izan behar dik, zait azkenekotz gogoratzen. Erdarari emana zikeian aspalditik etxean bere mihia, eskuaraz ari bazian ere auzoekin... Badiagu holako, zorigaitzez, bazterretan. Lapurdin berean etxetiarsa gazte batzu hasiak ditiagu haurrari ohakoan frantsesez mintzatzen, estakurutzat emanez eskuara ez dela deustako! «Ama» baino aditu nahiagoz «maman»! Ibañetako lepotik hunaratekoan, ohartu niz bertzalde herri bakotxak baduela bere etxeetarik bateko aitzin-paretan burdinazko-plaka xuri bat: huntan beltzez thindaturik herriaren bi izenak, bat erdarazkoa, bertzea mendeen mendez herritarrek ahoan zerabilaten eskuarazkoa. Nori ere gogoratu baitzaio eskuararen alderako atxikimendu-seinale hori, bigarren lerroan ezarria bada ere eskuarazko izena, eskerreak hari! Bainan, laztu nu eskuararen eta erdararen arteko guduaren ikusteak, burdin-zatiño hartan. Nabar-Goitin galtzen ari da eskuara. Beiratuko dituztenez herrien eskuarazko izenak, nago. Ikusi ditugun plakañoen gainean, baditake, bainan mihian eta bihotzetan?... Badute segur nun berma Iruñako eskualzaleek. Moroak aizkatu zituzten nabartarrek. Ez ahal ditu balinba ithoko gaztelarren erdarak?... Hôteletik athera baino lehen, egiten ditugu bi solas etxekanderearekin. Berekin ditu, sahetsean, alabak. Doniane-Lohitzuneko komentu batean egonak dira askitto luzaz. Hiruek, bai amak, bai alabek, mintzatzen dute eskuara. Hemen bederen bizi da orainokoan nabartar-odola. Beribiletarat! Ene ustez, Nabar-Goitiko mugarat helduak izanen gira laster, Gipuzkoako eremuetan sartzeko. VI GIPUZKOAKO SARGIA Mendealerat buruz goazi. Lekunberriko zelaia utzi orduko, horra nun sartzen giren arteka hertsi batean halako izialdura batek hartzen baikitu guziak: ezker, erregebidearen sahetsetik, erreka txar mehar barna bat, nasaiki urez bethea, eta hunen zaintzeko bezala bere luzetasun guzian, bixkar bat askitto xuta, gaineko hegi xorrotxa berrogoi ta hamar bat metraz gora, gure alderat daukan mazela belharrez jauntzia denik ere, zuhatz bakar batzuek ilhuntzen dutena han-hemenka beren itzalaz; eskuinetarik, lur-pareta xutsko bat, ezkerrekoa baino goraxago. Guneka haatik gogorki kazkarra, eskuineko hau; harri-mokor zuri-zuri kantoinka hautsi bazu lerratzen zaizko gain-beheiti, gu iragaitean. Goizetik hunat ez ginuen oraino ikusi holako arteka hertsirik. Erne dauzkagu begiak alde orotarat: hainbertze gaztelar Lekunberrirat jiten ohi denaz geroz udan, nunbait hemen izan behar dela zerbait, bertzetan ez denik... Errekako ur-laster hura bera nundik sortua ditaken, gaude, ez baiginitzaizkon den gutienik ohartuak Lekunberrin. Eite hanitz badu erreka hunek Agoitzekoarekin, bainan eitziar gehiago, eite baino. Meharrago da, behinik behin. Bertzalde, Auritzen-beheiti Agoitzerat jausten ginelarik, eskuinetik ginuen erreka; puska batez zabalago hangoa, dena harri konkor, agortua ere kasik. Han, bazterretako bi mendixka-lerroak larre murritz idor batzu ziren luzetasun gehienean, artetan arkaitz zurpail batzuekin; hemen, bederen ezkerreko alderdiak goxatzen dauku begia. Laster eskuinekoak ere iduri du bertze hainbertze nahi laukegula egin. Erakusten dauku, eremu puxka batean, egundaino ikusi ez ginuen bezalako xara bat: osto ñimiño gordin batzuekilako landareska pollit andana handi batek, elgarri tinki, beren abarrez elgar hunkitzen dutenak, elgarren neurrikoak oro —metra bat baino goraxago— dirdira berde leun bat hedatzen dute beren gainez-gain, mendi-hegitik erregebideraino. Ezpelki zerbait? Ezin ezagutu dugu, ontsa jakin-nahian ginelarik. Xara edo oihan apal hura ez da segur bere-baitarikakoa; legarren mandotzetik beiratzeko ereina izana da edo landatua han noizbait, zer ari zen ontsa zakien norbaitek. * * * Bainan xafla musker haren aurkintzetik haratxago, mendi-pareta sekula baino buluziago zaiku agertzen. Euriak eta hormak emeki-emeki arrailduz, kraskatuz, harrotuz deramaten harri zuri batez egina da dena. Han-hemenka bizkitartean lur-azal mehe berde batek estaltzen du, larruarekilako haragi zirtzikatu batek bezala hil baten hezurrak; halaber, nahiz bakanago oraino, arbola txar batzu beren erroetako zain guziez lotuak dagozkio, doidoia xutik, makurtuak, bihurdikatuak, etsituak kasik beren bizitze xuhurraz. Errekaz bertzaldeko paretak aldiz badakar bethi bere hastapeneko itxura; zuhatz multzoño batzu ikusten ere daizkogu tokika, ez hanbatekoak haatik. Aroa eder denean, iguzkiak kiskailtzen duke erreka hunen alderdi bat, bertzea uspel dagolarik. Bagoazi bethi, bainan ez xuxen-xuxena: mendealerat buruz geramatzalarik bideak, eskuin, ezker, andarkatzen gituzte noiz-nahi bihurguneek. Ustez zerbait berri ikusiko dugun, bethi bi aldetarik ager berak; erreka bethi berdin hertsi, bere bi pareta xutekin. Lotsa batek hartzen gitu, Loiolarat goazinez ala bertze norapait... Ez, ez gabiltza makur: gure sahetsean, gutarik hurbil-hurbila, errekako ura gurekin batean badoa, suge luze bat bezala bihurdikatuz ixil eta ezti, ez dakigu nola loditurik bere ohantzea barnatuz, apur bat zabalduz ere ba bere auzkia. Gehienik harritzen gituena, hauxe: ez baitugu arima bizirik ikusten, ez jende ez abre, ez eta orga bat bidean utzia, ez otomobil bat ere. Bero izana gatik, bada aire; saparik ez dugu hautemaiten. Bospasei kilometra badituzkegu doidoi eginak, gure kafe-xirrixta hartuz geroz. Toki arrotzetan, holakoak direlarik guziz, luze doazi orenak. Azkenekotz, huna erregebide-sahetsean, etxe bat dena leiho, biziki luzea, nahiz askitto apala. Mapari behatzen diogu: Betelu. Hurbiltzearekin, etxe-aitzineko paretan irakurtzen ditugu hitz hok, larri-larri thindatuak: Baños de Betelu. Aguas sulfurosas de Betelu, edo holako zerbait. Bainan ez eskuin, ez ezker, ez aitzinatu-ta haratxago ere, bertze etxe bihirik ez! Elgarri solas emanez, gaude ez othe duen etxe bakar harek egiten Beteluko herri guzia; ez othe diren etxe bakar haren beraren barnean bizi beteluarrak oro, alkatea eta ertora berekin. Gure irriñoak!... Egiaren aithortzeko, atsegin dugu guziz bizitegi bat bederen ediren baitugu, nahiz hainbertze leihoetan etzaikun agertu kristauik... Adio, Nabar-Goiti! Oraitan gira sartzen Gipuzkoako lurretan. * * * Zer mila sorgin! Ez girea egun atherako arteka hertsi bezain lazgarri huntarik? Badiagu hoberik, Manex: hertsiagotzen zaiku-ta gure arteka, hertsiaren hertsiz irestera bezala geramatza artekak, bere bi pareta xuten artean. Eta nola murriztu den bat-batean ezkerrekoa bera! Ama maitea, zer behar othe dugu ikusi?... Begizta-ahal urrun, Jainkoak daki noraino, agertzen zaizkigu mendi-kasko zorrotz batzu, zuri-zuria, lerro-lerro, harri-dirdira idor bat daritela. Ez dugu toki hau ahantziko gure bizian. Laburzki, huna nolakoa den. Begien gozagarritzat ez duzu deus, bi aldetako mendixka larrutuak baizik: lur-mamirik ez da ezagun, ez belhar-ondo bat, ez zuhatz bat. Bidearen gainean ere, ez ginuen ikusi edozer, ez nehor. Eskuin ala ezker, beroak eta hotzak, haizeak eta euriteek mendez-mende emeki-emeki zizkatzen, zilatzen, irrikatzen, porroskatzen dituzten mendixka batzu baizik ez, deus. Badira itxura guzietakoak, biribilik ez haatik bihi bat, bainan ba dena ozka, dena arrail, dena sarraski, dena zurruta agor, dena hegi diren harrizko mendoitz hits batzu. Dituzten ziloetan sartuz geroz, lurrerat lehen-bai-lehen ezin jautsiarekin euriak janez deramatza hurriki, eta, zerenak zura egiten ohi duen bezala, barnez-barne suntsituz. Tokiaren gainean ari dira endurtzen bai azalez bai mamiz, holakorik erran baditake harriaz mintzatuz. Saheskatzen gituztenek 30, 40, 50 metraren goratasuna dakarte; bazterxago dira goitiago aikatzen direnak, guziz eskuineko aldetik, ostikoan datxizkitela, nahiz ahulki, Pyrénées mendi-lerro izigarriaren hunaindiko mail konkorrak. Izialdurra badoakigu halere laster. Harrizko hilerri batean-barna geramatzate ba beribilek, harrien hilerri gogoetagarri batean; bainan iguzkiak argitzen du, berotzen, arintzen ere ba hilerri gogorra, han-hemenka eztiki urreztatuz lurrerat irintzen ari diren peña zurpailak; bainan gure buruen gainetik alaitzen dauku bihotza agorrileko zeru garbi urdinak. * * * Peña kazkar ustel hek elgarrekin josteta ere ari direla erran zinezake batzutan. Betelutik laster, ezker ala eskuin, berexten dira osoki bat berzetik, bizpahiru tokitan; husguneari esker, bazterrak agertzen dauzkigu etxe txar apal batzu, teilatu xaharra baizik ez dutenak biziaren kolorekorik. Urruntxago, lerro bakotxean elgarri lotzen dira mendixkak; ezkerreko bat aitzinatzen da, eskuin-aldean parrekoa hunki nahiz bezala, hau ere aitzinatzen zaiolarik edo... gibelatzen. Batzuek badakarte orratza bezain zorrotzeko buru bat; bertze batzuek moztua dute aspaldi-danik, lurrerat eroria. Hunek ehortzia ez denenan, porroskak oraino zolan badaude ageri. Ura geroago lodiago sigisagaka baitoa bethi, bai eta hari-kontra erregebide zuriaren gainean gure beribilak, iduri zaiku noiztenka gurekin batean igitzen direla pareta hil mutu hek, kakolatuz, bihurdikatuz eskuin eta ezker zirurika nakaitz batean, igitzen ere ba iguzki-argiaren jogiak, igitzen iguzkia bera. Zoragarri da eta bitxi, orozbat. * * * Gure begietako besta hunek badirau hemezortzi kilometraren luze. Gune batean bakarrik zaiku zabal ideki hilerriaren erreka, burdin-bideño bati zeiharrean leku egitea gatik, bainan are tinkiagotzeko berehala. Lapurtar, benabartar, ziberotar aberatsak baitabiltza hanitz aldiz herritik urrun, begiak ikusgailu arrotz zerbaitez ase nahiz, dathozila Izpegitik edo Ainhoan-barna Gipuzkoako sarguia huntarat egun eder batez: etzaie urrikituko. Gutarik bat ibilia baita Frantzian gorges du Tarn deitzen duten errekan gaindi, dio hau luzeagoa dela oraino hogoi bat kilometraz bederen, zabalagoa, harrigarriagoa bere sahetsetako arkaitz osoki murritz eta gainetako munho bipilekin, bainan halarik ere ikusgarria gelditzen dela Lekunberritik Tolosarako bidea, orhoitzapen goxo jostagarri bat uzten baitu hunek, ikusberriko iziaren ondotik. Labur egon ondoan ordu bat osoa eta bere atzarrian bildu, huna nun bat-batean zabaltzen zaikun airos behakoa, bulharrak beren aldetik hampatzen zaizkularik nasaikiago: ohantzearen bazterrek elgarretarik urrunduz bide gehiago uzten diotelakoan edo lagun zonbait ezkerretarik jin zaiolakotz guk uste gabean harekin batzera, gure errekako lats gottortua bilakatua dugu kasik tanpez ibai. Baiona-Santespiritako ibaiaren bortzetarik bat ur bederen baderama orai, halako andiantza naro batekin. Erregebiderat daudela huna eskuinetarik, banaka, etxe pollit batzu, hiritarren etxeak segur; ibaiaren bertze aldetik, luzera, zelai puxka bat: ezkerrago, bizkar biribil konkor batzu, artetan artho-landa gori batzuekin. Minutan Tolosan gira sartzen. VII XINTXIMARIAK Zer harrizko-etxe gorak hemen ere, eta zer zahar-itxura duten! Gero, zer dute hau tolosarrek, iduri baitu atherbe luze bat ibaiaren gainean trebes, hegitik hegira airean jarria, bere sahets margoztatuaz guri dagona? Zubia dukete segur, zurezko zubi estali bat... Hain bitxia zaiku gure iduripena non, gauzen araberako denez argitzea gatik, egiten baitugu galde gizon bati, Loiolarateko bidea nundik den hunen ganik jakinen dugulakoan orozbat. —Hori azoka da, baratzeko-gauzen merkatu-tokia, dauku ihardesten gizonak. Bihur zaitezte, zoazkiote alde-aldetik, eta ezkerretarik aurkituko baituzue harrizko arku bat, hunen azpitik egizue bide «Loiolaruntz». Bihurtzen gira beraz eguerdi-alderat, delako azokaren barnea agertzen zaikularik bere luzetasun guzian. zilarra bezain garbia da. Hutsean ginen: etzen ez zubia, baizik merkatu-atherbe bat, gizonak zion bezala; ez dabiltza ere orai gure otoak harrizko-zubi baten gainean. Tolosarat heltzean, ukondo bat egiten duke ibaiak, eta ukondo hartan da jarria, ur-hegian, zurezko-atherbe bitxia; etzitaken baserritarrentzat toki hoberik egun guzietako bizigailuen, euri eta iguzkitik beiran, hiritarrer eskaintzeko. Porroskak urerat aurdikiz geroz aldi bakotx, errexki dagoke xahu Tolosako azoka. Bainan nolaz eta norat begien aitzinetik zaikun ibaia itzali, gaude gogoetatuak, haur bat bezala handitzen ikusia baikinuen, gero laguntzat hartua, eta azkenekotz kasik maitatua, Lekunberritik hunat. Bare-karakoilaren urratsean goazi. Eskuinetarik hiruzpalau karrika laburren ahoak kurutzatzen ditugu: etxe gorak, oro harri zahar hits horailez. Karrika hetarik batean, bada haatik etxe-andanaño bat, balkoinak begien atsegingarritzat lorez apainduak dituztenak. Zola ez dute karrikek arras ordoki: den-gutien bat patar gu-ganat. Gipuzkoako hiri-nausia zen hau lehen. Nimiñoa da bizkitartean, bere hamabortz eta hogoi mila bizizaleekin. Elizarik, ez udaletxerik, ez tribunalik, ez eskolarik, ez urraskako itzalperik, ez trinketik, ez aipatzeko gai litaken jauregirik ez dugu ikusten. Oro izan behar dira bizkitartean, bainan oro dudarik gabe xumeak, xoko batzutan han-hemenka gordeak oro. Donostia baita zonbait urthe huntan Gipuzkoako hiri-nausi, ez dukete Tolosako buruzagien egoitzek hango agintarienen larderiazko harrokeria. Nago ez othe diren, halarik ere, hiri ttipiko eskualdun-umeak zintzoago gelditu, arbasoen odola garbi idukitzetik jabeago beren buruaren, xedez zuzenago, zuhurrago beren urratsetan eta orozbat itzal handiagoko gipuzkoarrentzat. Zernahi izanik, hiriño huntaz mintzatzearekin frantsesek erraiten dute bethi: La noble Tolosa. Geroago emekiago goazi; beribilen gidariek begia luze, harrizko arkua noiz agertuko zaioten. Kask!... Firritx!... Baratzen gira, iziturik; bertzalde, bi urratsetan gure ezkerretarik ikusten dugu idurikatzen ginuen harrizko arkua. Bainan otoaren aitzinaldea inguraturik, atheko leihorat hor agertzen zaiku muthiko luze mehats bat, buru-has, ile beltz azkar batzu kopetatik goiti zut aikatzen zaizkona. —Ez duzue tuta jo. Bizikleta kaskatu dautazue eta hautsi. Damu-domaiak zor dauzkidazue. Apur bat gibelatu ondoan, zelatik bi eskuez dilingo erakusten dauku bere pirripita: atzeko errota uspeldua du eta irringarriko kakola-makolatua, ingurunetik erdirat biltzen diren burdin-aihenak halaber. —Damu-domaiak nik? dio ihardesten beltzuri batekin ene lagunak. Ez dut bada uste, muthil. Zuk ba, izaitekotz, niri. Bide huntan ibiltzeko zuzena balin badut, nola ezin emekiago bainindabilan nehor etzaiket errangura. Lasterregi bazinabiltzan zu, itsu batek baino gehiago aitzinerat behatu gabe, ez dut nik hoben. Zuk, ba zuk, duzu hoben, zuk bakarrik. Jo bazinu tuta, adituko nuen nik. * * * Gataska luze batean sartzen dira bi gizonak, biak erdaraz, elhe gaixtorik gabe haatik bat ala bertzea, odol-hotzean, gizonki. Botearen araberako errefera, erreferaren araberako botea, hizkatzen dira ausarki ehun moldetarat, solas bera bethi haste. Tuta etzuen jo, ez, ene lagunak, bainan jo izan balu ere etzuken den gutienik adiaraziko, ximixta bezala heldu baitzitzaguken sahetsetik gazte goiarina, eskuineko karrikatik beheiti, gainerat. Behari-saldo bat badagokigu berehala so, otoen bazterretik urrunxago; emazte gehiago gizon baino, hogoi ta hamar bat orotarat. Garbiki jauntziak dira, langileen jauntzian; halere Lapurdin eta Benabarren aspaldiskoan hiritar langilearen soinekoer ohartzen ez gitzaizkoten hits-aireño batekin. Nor ala zer guziei, aldizka eta zalu, luzatzen dituzte beren begi beltz dirdiratsuak. Diren guziek badute elgarrekin eie: sudur mehar luxe, kokots lirain, kopeta neurrian bipil, baldoki-gainak xorro arineko, buruari garondoa leunki harpetua, ileak beltz bezain ugari larrua beltxaan. Mirakulua: nehork ez du idekitzen ahorik. Ixil-ixila daude, entzuten. Errana baita bazter guzietan, gipuzkoarrak direla eskualdunen artean larrienak, bier-artekoak dira bizkitartean hemen oro; oldartu zaikun muthikoa da gorenik, hertsiskoa bada ere egitatez bezala sorbaldez. Multzoaren aitzinean dago tente, bere themazko elhasturi buztangabean, pirripita markistuaren jabe hori; gibeleko errota bi eskuez airean dauka orai lurretik, minhartua balitz bezala errota dohakabea, edo, nork daki? erakutsiaren ariaz alde jarriko zaiolakoan norbait ozarrari. Horiek hola, ene laguna hautemaiten dut ahultzen; ixilik egon ondoan minuta bat, galdegiten dio aurkerasle zailari zonbat nahi duen azken hitz. —Ehun libera, dio zart erantzuten. —Ehun libera?... Baduzu horrenbertzeren eskatzeko bekokia, duzun makurrarentzat! ?... Ori, eskaintzen dauzkizut berrogoi ta hamar, bakearen gatik. —Ez. Behar ditut ehun. Eta gataska berriz haste, aldi huntan bizixago. Sinets gitzala irakurleak: gaur Loiolarat heltzea etsitua dugu bertze bidezkari guziek. Ostatu bat nun dukegun hurbilsko, behaka abiatuak gira alkietarik. * * * Hor, bristi-brasta heldu zaiku nunbaitik hirizain bat gaitza. Orai gira orai pollitak! Tolosako jujeak nun diren, eta nun behar-bada presondegia, jakinen dugu orai berandu gabe, ni beldur. Hemen bigarren mirakulu bat; hirizaina xut-xuta dago, ahorik ideki gabe hura ere, entzuten. Hirizaingoaren eta jendetasunaren ikasteko hunat jitea on lukete Pariseko hirizain hogoi ta bortzek... So nagolarik Tolosakoari, laztura batek hartzen nu behin, gero begirune haundi batek, eta azkenik irria jauzten zait gozoki. Ondar gerlan alemaner ikusi ginuen jauntzi hura bera dakar, sasiko gizon gaixtoen jauntzi ñabarra, bainan zer oinetako ederrak ez derabiltza, nolako plaka disdiranta ez xilko-parean, nolako gerrikoa ez halaber, larru lodi leunezkoa, tabre laburraren untziñoa datxikola, ezkerreko ixtarraren eretzetik beheiti dilindan! Bera handia, kepia ordean bera baino handiago du, araberan; Austriako soldadoen kepia hura bera, erreka-hegietan ikusteak berak izitzen omen baitzituen italianoak Lombardiako guduetan. Aurpegi bat badu bertzalde bitxienetarik: hori-horia, matrailek egiten diotela muthur biribil bat aitzinerat, labeño bat balu bezala ahoaren orde. Ukarea moztera utz nezake, gizon hura ez dela eskualduna, gaztelarra baizik. Gaztelarra edo ez, gizona da haatik, nihun balin bada bat, eta ontsa ikasia. Mintzatu baino lehen, badaki entzuten; entzun ondoan, badaki zentzuz mintzatzen eta izariz. —Ez bazaizkete, dio, neholere zeuren artean antola, bitarteko behar duzue hartu garagista bat, eta hunen hitzetik zuen eztabada hautsi. Onhartzen ez baduzue epaia, jujearen aitzinerat dukezue agertzea. Ez baititake bertzerik. Bi buruzkariek ez adituarena egiten diote. Badago entzuten oraino apur bat; eta berriz, batere khexatu gabe, solas bera adiarazten daie. Onhartzen du ene lagunak, hain baita segur alde itzuliko zaizkola gauzak. Bagoazi gure otoetan haratxago, tranbide bat daukan karrika zabal batetarat. Ikusten ditugu bi gizonak garagistaren lantegian sartzen, pirripita madarikatua kirrinkaz aitzinean deramatela, hirizaina athean aiduru baratzen delarik. Ixil-ixila gaude gure otoetan, gogoa ilhun. Gure laguna ditaken gizonik hoberena dela badakigu, bihoztiarra ezin gehiago, diru-pegeseria bati nihoiz behatzen ez duena; halarik ere, zuzenean dela iduri zaionean, ez da errexki barkatzen dutenetarik. Beltzuri gogorrean ikusia dugu sartzen. Ordu-erdi bat baino gehiago bertzalde, gure andreek ez dutela atheratzen tintik! Agian etzaie orai berriz gogoratuko Burgozerat baitezpada beren buruen eremanaraztea, Orreagako harri higatuaren ondotik! Ez niz soberarik fida... Auzi zozo baten beldurra, akidura, oihaneko xakolinaren azken uztarra edo ez dakit zer, lo-kuluxka batek hartzen nu ene alkiaren gainean. Bi minuta gabe, laguna sahetsean dut, inharrosten nauela irri gozo batekin. —Nahi bezala egin dut tratua, diozt: hameka pezetetan. Goazin orai hemendik berehala... Ehun bat metraren buruko atheraiak gira Tolosatik, burdin-bide zubi baten azpitik barna. Ordu zen. * * * Malda bati zeiharka lotzen girelarik, azken behako bat igortzen diot Gipuzkoako hiri-nausi izanari. Ohartzen niz ximinia gora luze batzuei: paper-fabriketako khe-atherabideak ditazke, itsusi kankail hek, zerua zikintzen baitute beren bafada nahasi beltzez. Ahantzera nindoan industria azkarki sartua dela, aspaldisko danik huna, Gipuzkoako lurretan. Zeren gatik den azkarki sartua, ez nakike. Itsasoko harat-hunata hurbil izaitetik naski; Frantziako industria bere zedarrietan nekesko zabilalakotz ere orobat; behar bada elektrikaren indarra ausarki bazelakotz eta merke hemen gaindi; lurpeko gei batzuez aberatsago zelakotz ere omen Espainia... Dena den, behin baino gehiagotan aditurik gogoan daukatana, hauxe da: industriaren tupustadako trumilka-sartze horrek itzulipurdikatu zituela eskualde hok. Ez da amesteko gaitz. Duela hiruetan hogoi bat urthe artino, Eskualerria goxo-goxoa laborantzatik bizi zen eta hazkuntzatik, nehorateko atherabide handirik gabe mendien artean hetsia, bere mintzai xaharra baizik ez kasik ezpainetan, arbasoen ganikako fede zintzo eta oitura zuhurren gerizan. Jakitaterik ez, dirurik ere ez hanbat, bakartiarra berzalde eta bere tokiko berri baizik ez jakinki, eskualdun gaizoek nola zezaketen iharduk hainbertze atzerritar gose bezain argituen aztaparrari? Gider asko utzi behar ukan zaizkoten. Jin-berriek eraiki zituzten beraz lantegiak; nun-nahi. Ohartu ziren urthetik-urthera eskualdunak zonbatekoa den mekanikaren indarra, zoin aixe eta xuxen derabilan bere ahopiloa; hurriki bada hurriki ikasi zuen zer den lan baten xeheki sailkatzea, esku berek sailño bat deramatelarik bethi berdina; ikasi nola behar duen geroztik izan lantegi bakotxak sail-tokikatua, nahi bada zerbait egin laster, ontsa, merke; ikasi nahi-t'ez konduen atxikitzen, jiteen eta joaiteen egun oroz xifratzen artharekin, geien erosten zuhurki eta salgeitu arau zuhurtziarekin dirutzen. Ohartua ez bada oraino arras, ohartzen hari da halaber egunetik egunera, kimiak industriari dakarkeon laguntza neurri-gabeari. Ez dugu uste holako iatzar-aldirik ukan zuela nihoiz eskualdunak, guziz Bizkaiko bazterretan eta Gipuzkoan. Zer inharrostea! Bizipide, urratsbide, sineste, oitura, mintzai, salerospen, leihor eta itsasoetako harat-hunat, oro koskean joak, oro kotsatuak! Gainera fotografiak, telegrafak, telefonek, beribilek, aireplanek, radiofoniak etzaizkotena dardaratzen zainak, bihotza pilpiratzen, adimenduari emanez bertzalde ezin-geldituzko xinaurri-alha bat... Azken behako luzea igortzen diotalarik behar-bada gehiago ene bizi laburtuan ikusiko ez dutan Tolosa zahar maiteari, iduri zait mintzo zaizkitala hango bi adixkide: —Ez iduk grinarik gutaz; mende hunek ekarri daukun guduari ez gira den-gutienik lotsa; jarriak gira eskualdun guziak ukondoz-ukondo; begiak erne dauzkagu, erne gogoa, beso aazkar. Gure geldituko da, gu jabe eta gu nausi, Gipuzkoako lurra. * * * Zeiharkatuz bagoazi malda eztiari gora, noiz eguerdi-alderat, noiz mendeal-alderat, bainan eguerdirat mendealerat baino izpi bat adarkatuagoz. Bidearen eskuin-aldetik, lerroan doazila nor mandoz, zor asto-bizkarrez, atzemaiten ditugu bospasei emazte eta gizon, Tolosako merkatutik gibelerat heldu ditazkenak. Aberea iziturik, zaloin jausten ere dira zonbait, ez bidearen erdirat, bainan ba arlako alderat. Jausteko eskualdeaz ez, beren begitarte zimailaz ere ez, bainan garaitiko zer guziez Baigorritik etxerat itzultzen diren Bankar batzuentzat hartzeko litazke. Lauzpabortz kilometraren buruko, lerdoin apal batzuen artetik igaiten gira Bidanian harat. O herri bildu pollita, bere etxe xuri garbi, leiho ontsa thindatuekin! Hirian aberastearekin gizonari osagarriak balirau, holako herriño batean litzaioke goxo azken urtheen iragaitea, hiritik lau urratsetan, hirirat artetan adixkide xabar batzuekin bazkari ontto baten egitera joanez. Mazelaren gaineko hegiz-hegi huna nun goazin orai. Berehala ezkerretarik, eguerdi alderat, erreka luze ikaragarri bat, bi mendi-lerro goren artean. Zola-zolan basur zonbait, orai agortuxea ditakena: erregebidea goraxago, parrez-par, eskuin-aldetik; hunen gainean herri tarro zahar bat; Errezil, goria izan behar dena, garbi baitauzka bere harri-pikatuzko bizitegi larriak. Inguruka jautsiz geroz, han gaindi dukegu aitzina joaitea. Iguzkia sartzerat abiatua baita, ez ditake erran bazter hunen ederra: mendien mazelak ez dira larrutuak nihun, nihun ez dira erreak; halako berde bat badute, begiarentzat ezin eztiagoa. Ordu osoa banagoke hemen gogotik, alfer, begiak bakarrik alha. —Bortz pinta ezantza baizik etzaizkit gelditzen, karatxo! daut adiarazten motz-motza ene lagunak. Hau litake, hau orai ixtorioa, hoinbertze itzuliren ondotik Loiolarat ez baginite hel-ahal ezantza eskasez! Berehala jautsirik, ja oihuz dago harrizko-mailadi baten gainean bere etxeñoari gibelaz ikusia duen xamardun bati: —Etzinuke fortunaz ezantza-xorta bat? —Ez, dio behin erantzuten gizonak, alde orotarat eta urrun behatu ondoan. —Ontsa paga nezazuke bada, eta gogotik. Behatzen du berriz gure gizonak alde orotarat, eta horra nun, eskuaz keinu eginik, zipoteka etxerat ezantzaren bilha ba doakigun. Eskualdunik ez bide da, Gipuzkoan ere, kontrebandaz guti edo aski bizi ez denik. Berantak lotsatua bainiz, biltzen dut besotik ene laguna sahetserat, eta abiatzen gira karraskan, gizonaren beha egon gabe. Bospasei kilometrako bat egiten dukegunez ez dakit, noiz ere patar xut kakola baten gainetik ikusten baitugu, mendi-lerro andana gora batzuez inguratua, ametsetan baizik agertzen etzaizkizun zelai biribil pollit hetarik bat. Ez da zelaia ere: ibar bat, izaitekotz, urina bezain gixena. Ibar hartan, mendixka apal baten gibeletik, begiak hets-idek artean itzali zait —ohartu othe zaizko berdin ene lagunak?— Loiola-komentuko goipularria. Nere atsegin bethea! Harrotzen nu, Erromarat heltzean Michel-Angelen harrizko obrari ohartzen zaizkotenek duketen atsegin berak. Bainan ixil-ixila nihaurentzat dadukat behin, zikoizki. VIII LOIOLAN Aurkintze hau zinez xoragarria da. Beheititurik gordetzera doan iguzkiak urreztatzen du oraino zeru-xoko bat, garaitiko eremu guzia urddin-argi dagolarik, eta lurra berotzen eztiki. Atsegin dute gure begiek, begien atseginaz alaitzen zaiku araberalat bihotza. Hemengoaren aldean, ikusi duten gutarik biek hitsa dela diote Provence eskualdeko zeru-gaina, iguzkiaren bero handixagoak langar arin batez azpiltzen diolakotz bere kapa urdina; gordina aldiz, aditu dutenaren arabera, Greziakoa, hau argiarenarekin batean iguzkiaren saminak lambro-lipits argalenetarik garbitzen omen duelakotz goien-goienean. Bainan zonbat eta zonbat mendi-lerroek inguratzen duten jaustera goazin ibarra! Hainbertze eta halako lur-mokorrek lotsa bat sortzen dauzute barnean. jakintsu hanitzek baitiote Lurra ez dela Iguzkiak noizbait airez-aire aurdiki ziliporta bat baizik, hastapenean su zarionetik emeki-emeki hoztua, daukat etzela iguzkiaren errai samurretarik arroltzeren idurirat osoki biribil eta leun jauzi pikorra, bainan ba ordukotz dena zimur eta konkor, guneka; gune hotan, azala gogortu zelarik behin, eta gero euriteekin zonbait menderen buruko gozatu, zela egin, hanitzez berantago ez dakigu nola Biziaz amatzeko, orai gabiltzan Gipuzkoako eskualde maitea. Zertako ordean mintza luzazago, inguratzen gituzten mendiez? Jada, patarrari-behera zeiharkatuz goazilarik, itzali dauzkigute bere kaskoak: doidoi ohartzen gitzaizko eskuin-aldean xutitzen zaikun Itzarraitz mendi aipatuaren mazelako peña kaskailari. Oixtiko ibarra zabaldu da bat-batean; zelai eder bilakatua, zelai gizen, dena pentze, dena artho-landa, daukute xoraturik ikusten begiek; bazter batean, eskuin, huna nun zaikun agertzen Azpeitiako herri tarro polita, hainbertze pilotari aipatuen sor-lekua. Sartzean, bizpahiru etxeek beren leiho guzietarik agur egiten daukute lañoki, aireak idortzearekin xafla-xafla igitzen dituen xuriketez. Karrikako bertze etxeak ez ditugu haatik hoin abegiar: hotz-hotza daude beren pareta xuri eta harri pikatu beltzaan dorpeekin, leiho-hegalak elgarri hurranduak, athe-aitzinean alhartzerik ere gabe. Gora dira gehienak, hiruna estaiekin bederen, lerro luze bedera egiten dutela bide galtzaratuaren bi sahetsetarik. Emazte bakar batzu gune batean, urgulu gutirekin jauntziak. Karrikatik athera orduko eguerdi-alde, bidea zabaltzen zaiku handizki eta beltz-beltza leuntzen, xuen-xuena luzatuz urruneraino. Zerbaiti bigarren aldikotz oharturik ixil-itxila egoiteko xedea bigarren aldian hartu dutaneko, bozkariozko oihu batzu gaitzak aditzen ditut ene gibelean, lau aho bederen baitira zintzurreraino idekiak: «Hara, hara Loiola! Hara komentua! Berehala han gira!» Botzago etzitazken, segur, itsasoz-itsaso lehen-lehenik Ameriketako lurra atzeman zuten eskualdun itsasturiak. Behatzen diot ene lagunari. Ezpain ala begi, oro irriz ari zaizko eztiki bere begitarte onean. Ahapetik erraiten daut: «Ederra da», hitzik ez gehiago, eta zangoa dank kentzen du motorraren akulatzetik. Bagoazi emeki, harrabots den-gutienik gabe, begiak luze bezain larri eta geldi. * * * Ba, zinez ederra da aurkintze huntarik Loiolako komentua, Azpeitiako zelaiaren xoko bati erran baitzinezake gibelaz lotua. Gogoari emazu orok dakigun Larressohoko semenario ohia bezalako etxe bat gaitza, kilometra bat luze eta lau ehun metraren ingurua zabal den ordoki baten buru-buruan; zer diot! Larressohoko semenarioa baino bat eta erdiz zabalagoa, goragoa heren batez bederen. Ez ditu haatik paretak xuri, bainan ba beltzaan, murritz eta bizkitartean leun, beheretik gaineraino egiten duten harri pikatu gorratsak iguzki-sistek eta euriteek aspaldiko urthetarik hunat histu dituztelakotz, ara beraz nolazpait apainduz. Aitzinaldea iparrari dagokio, halako samur batean, leihoak bakan, teilatua hegatzik gabe. Lurretik gorasko, bi athe, bakotxa bere alhartzearekin, hunen hegirat heltzen dela, atalkia geroago ttipituagoz, harrizko mailadia. Athe hetarik bat etxearen erdiz-erdi, nasaia; bertzea, etxearen erditik ezkerreko hegirat biderdi, hertsia athe hau eta orozbat apalxagoa. Lehenbizikoa, alhartzeaz bertzalde sarguia batekin, harrizko tente andana batek jasaiten diola, sartua izana gatik, bere atherbea; bigarrena, harri lantuz inguratua kanpo-alderat. Urrunetik ezagun da, Larresohoko semenarioaren idurirat, badituela komentu-aitzinalde hunek gibelerat bi hegal luze, eta hok harateko buruan lotuak direla trebes eraikia den laugarren etxe bati: lau etxeen gorputzek zedarri egiten baitukete inguruan, Larresohon bezala, ibil-toki huts zonbaiti. Larresohoko semenario ohiak ez duen edergailu zerbait badu bizkitartean Loiolako komentuak: aitzinaldea baino gibelxagodanik zerurat buruz goititzen zaion bulhar biribila. Harri argiagoz egina baita garaitiko harresi guziak baino, harek du ere joiten lehenik begia, hanbatenaz non molde hartako obrarik ez baita hanbat ikusten Eskualerrian. Erromako eliza-nausiarenaren aldean ttipia litake, bainan ez dugu uste Erromakoa bere tokian hobeki adozten den, begiarentzat, ingurunearekin. Atsegabe dugu ez oharturik kurutze bat badukenez mutturrean, ala San Inazioren gizairudia. * * * Barkatu, irakurle maitea, ene luma hoin tontoki balin baderabilat orai, egun hartan gure begi-ukaldi osoa hain zalu izan zelarik eta erne. Xehetasun bakar zonbait eman nahi nauzkikezu oraino. Komentuko aitzinaldearen ezkerreko hegiari lotua, luxatzen da guri-buruz etxe apal bat: athezainaren egoitza othe? dautet galdatzen ene lagunek. Komentuko aitzinaldetik gureganatago apur bat, badira ere bi platana-lerro, apal mozkinduak, komentuko athe-nausiaren parretik doidoi aipatu dugun atxeñoaren muthurreraino baitira trebesean heltzen. Gabiltzan zelaia pentze bat baita bere eremu gehienean, belharraren muskerrak, platana-ostoen berdeak, komentuko pareten gorrats ilhun-ilhunak, goipularriaren nabar-arinak bazinaki zoin ontsa emaiten duten elgarrekin... Huntarik dathor guziz, begiarentzat, Loiolako xokoaren pollit, atsegingarria. Gure otoen hararatze hurrian, planaderaren erdirat ez gira arras helduak oraino, noiz ere ohartzen baikira, eskuinetarik, duela hamabortz bat urthe eraikia izan den serora-komentu handi bati. Aberaski egina da; bainan, estalgiaren nola atherbeen goratasuna desbardin duelakotz han-hemenka, berinazko beranda bat agertzen ere daukulakotz bidearen gainerat, bitxia kausitzen dugu eta dorpeskoa. Itxura hobea du, haratxago, eskualde beretik, bizkarño batean, bigarren serora-komentu batek: berria da hura ere, dena leiho zelai-alderat, bainan oso-osoan harri pikatu gorratsez egina da, pareta-gainetako hegiak mailka antze handirekin ozkatuak, eta neurri berekoa bere hedadura guzian. Bizpahiru ehun metra oraino, eta zubi labur xabal, sahetsak marbre xuriz dituen baten gainetik bagoazi, erran ditugun platana-lerroak ezker utziz; ez ordean komentuko athe-nausiari buruz, bainan ba, bihurrian, bertze athearen aitzineraino. Hamabortz bat otomobil eder gelditurik badaude hemen, jadanik hustuak. Bortzak eta erdia da. Gehiagoko solasik gabe, zaloin igaiten niz mailadiari gora, ene lagunak ondotik. * * * Huna nun giren sartuak komentuaren barnerat, eta bizkitartean kanpoan gira oraino, zerua gure buruen gainetik... Huntarik dathor bitxikeria: zonbait urrats barnaxago baita eraikitzen San Inazioren jauregia, eremu huts puxka batek berexten duena komentuaren beraren aitzinaldetik. Komentuaren barnean da geroztik, komentuaren hegal ari bere eskuineko sahetsaz baizik ez lotua, delako jauregia; gordea dago hau osoki, komentuari inguruetarik beha legozkiokenentzat. Jauregiaren aitzinean bagaude zonbait minuta, nolakoa ditaken so. Etxe gora bat da, bi estai bederen badituzkena, bainan gora baino puska batez hertsiago, ez hain barna ere aitzin-gibel. Behere-aldea harri pikatuz egina du, athea —etxe-aitzinaren erditik ezkerrerat bazter— ederki lantua; garaitikoak adailuz dela du iduri, bainan zoin tinki ez josiak oraino elgarri adailuak, hoinbertze menderen buruan! Arku batzu derakuste, arkuen zango batetik bertzerako artean pareta askatzen delarik apur bat, zangoer atxikiz bizkitartean. Leiho guti, direnak ere hertsiak. Hor zen sortu 1491an, duela lau mende baino gehixago, eta bizi izan, haur-haurrean, Inazio Loiolakoa geroztik hunat orok deitzen dugun saindua. Jauregiaren aitzineko eremuñoa hutsa zela baikinion doidoi, makur ginen mintzo. Huna lurrean, hobeki erraiteko, harri-pikatuzko zolaren gainean, erdi-etzana, Inazioren gizairudi bat bronzaz; Iruñako guduan biarnesek zaurturik erori zitaken bezala, dugu hemen begien aitzinean erregetiar aitzindari gaztea, lagun batek belhauniko atxikitzen diola burua. Ontsa egina da gizairudia; behar zen tokian ezarri zuten hemen; hunkigarria da zinez. Huna oraino zipu bat, harresi biribil batek ziloa inguruan ezpaintzen diona goiti; harresi-hegiaren gainean xut, bronzazko bigarren gizairudi bat: Inazio berriz ere, bainan orai zaldizko aitzindari baten apainduran, hets eta idekaraz ditaken kaska batez estalirik buru lepoak. Aurpegia bera ez du haatik bronzaz, bainan ba xuri-gorratsezko orhe gogor batez egina, ez baitzira guti harritzen, aldarteka agertzen dauzunean kaskaren aho zabaldutik. Burdin-gider batek goiti ta beheiti derabil ponpa bat, ur-hotx garbia lupetik ausarkian dakarrana agerrerat. Gu hurbiltzearekin, bospasei ikusliarrek gogotik klaskarazten dute ponpako esku-ziria, bainan baso-beretik edateak kilikatzen daie barnea... elgarren ganikako kotsuen beldurrez! Basoa betherik dago sainduaren oinetan; tintik ez du edaten nehork! Nitaz bezenbatean, sartzen niz lehen-bai-lehen jauregirat. Eta sartu orduko, duela hemezortzi edo hogoi urtheko orhoitzapen bat jauzten zait berehala sudurrerat, holakorik erran badezaket: etxe-barne hartako usain onaren orhoitzapena, orduan. Ene ahal guziaz usnaturikan ere, usain hura den-gutienik ez dut hautemaiten egun: gaztetasuna hihauri joan baitzaik segur, gehiago ikusiko ez dukana, daut adiarazten bizkar-hezurrari beheiti trufari kixkil batek. Gogoa ilhun, banoa ezkaratzeko athe baten jotzera, ezkerretarik. Hetsia! Gauzak ez dituk lehen bezala hemen: bertzelakatu dituk zorigaitzez, eta hekin batean hiahu... * * * Han, ezkaratz-barneko athe hartan, ene lehenbiziko ikustaldian zitzaitan bada agertu apez-jauntziarekilako gizon ttipi gaztesko bat, Jesuita batendako hartu nuena. Eskuaraz galdegin nion jauregiaren ikuskatzeko baimena; eskuaraz zaundan erantzun. Trebe jarri ginen ordu-beretik elgarrentzat. Guti haztatu dut ene bizian harena bezalako lañotasunik; eskualdun aneia batena zen, gainera gizon handizki argitu batena, fedezko khar ezti batek berotzen zuena eta sarkortzen orozbat. Iduri zait ene ondoan dutala oraino, egun, apezño hura. Duela hogoi urthe, solasean hasi eta laster, urraska ereman nuen atherat, galdegiten niolarik San Inazioren ithurriak egiten zuenez mirakulu hanitz. —Guti, arras guti, zaundan hotz-hotza erantzun, bide hortazko mirakuluek haren iduripenerat gibelondorik betere ukan ez balute bezala. Harritu nintzen, behin, haren atheraldi axola-gutikoaz. Gero, ezkaratzerat itzultzearekin biak, aipatu nion bada etxe-barneko usain goxoa. —Zedrarena da, ninduen ohartarazi irriz; jauregiko eskalerak zedra taulaz berrituak izan dira, hala-nola zureriaren bertze zati asko. Orhoitzapen horiek trumilka dabilzkitalarik buruan, hunat! hunat! dautet egiten ene lagunek. Eta bertze ikusliar andanaño batekin ikusten ditut sartzen ezkaratz-eskuinetarikako athe batetik barna. Gibelxago-danik banarraie, begiz ikusten ez dutan ene lehengo apez maitea sahetsean. Kaperaño batean gira, paretak, soailua, aldarea bera, oro mozaika xehe, xuri eta urdin batez estaliak. Elektrik argi bakar batek eztiki argitzen du guzia. Begientzat goxo balin bada barne hura, arimakotzat goxoago oraino ez othe den, gaude. Jabalduaz hausten ere zaizula apur bat bihotza, aithortuko dut den-gutieneko eraberik gabe. Erakusletzat badugu gizon luze bat, hartakoa, galtza-sahets eta maipuliseko esku-muthurrak gorriz galonatuak. Erdaraz mintzo da, lele-aire batekin, bere zereginaz iduri bailuke nardatuxea. Kaperaño hari datxikola, bertze kapera ttipi bat: hau dena zeruria urreztatuz; hain gordin eta samur urre-apaindura, nun itsutzen baitzitu. Nihun ditaken ederrena orobat, batzuentzat... Aditzen dut ene sahetseko apezñoa, han balitz bezala izaitez, ez baitakit ez dutanez ere ene burua itzultzen haren ganat: «Bi barne hauk —dio ene beharrirat nunbaitik— zuten egiten duela lau mende jauregi huntako barrokia. Oraiko etxetiar-etxeeen araberalat ziren, beihala, eskualde hotako aitoren-semeen egoitzak. Sei edo zortzi abere-buru koka zitazken doidoi hemen. Bizi giren mendean bekaizti guti zuketen, segur, saindu-geiaren aitamen aberastunek, inguruetan bertzerik ez balute jabeek ukan». Itzultzen gira mozaikazko kaperalat. Aitzinaldeko paretaren zolan huna nun ethe ñimiño bat ideki daukun erakusle muthilak. Ukurturik behatzen dugu guziek paretaren barnean agertua zaikun xiloka ilhunari. Uste gabeko gure zaintzoztea! Kanoi kurlo bat dugu begien aitzinean, besoa baino luzexago, ixterra bezain lodi, bere xangoaren gainean oilarkatua kanpo-alderat. Duela lau mende zukeen larderia, bizkitartean, Jainkoak begirala gitzala gutiestetik! Berrogoi ta hamar metretan-harat bederen igortzen zuken bere burdin-pikorra, nork daki zer zartako ikaragarran? Bi zakur muthur-motzek hobeki zaindu zuketela jauregia ez guri erran, halako zaintzaleak baitzitazken etxe gahienetan, ihausiz ala ausikiz etsaia izitzen etzuketenak hanbat. Hainbertzenarekin, ene aldeko ikusliar baten hitz hauiek jotzen dautate beharria frantsesez: —Ehun debruak berekin dituzte Jasuistek. Bazterretan dituzten komentu guziak holaxe zainduak dauzkate, beherean kanoiez, gainean aldiz mitrallusez. Orroaz jauzi baledi egun edo bihar jende xehea, baluzke hemen azpitik odoletan idukitzeko gupida ez litzaizkiokenak! —Ori, diot ihardesten mintzai berean, izan bedi norbait iharduk lezokena: oilo batzu bezala iziturik lasterka bailoazke ihes, jende handien hogoietarik hemeretziak! * * * Marbrezko ezkaratz xuri ederretik barna bagoazi multzo handiagotuan —hogoi ta hamar bat orotarat— zedrazko eskaler xabalari gora. Gerezi-ondoaren zura baino ilhuntxago batez ditu mailak. Eztia da, lau batzuekin bihurgunetan. Bitrall batzuek argitzen dute, San Inazioren biziko gertakari zonbait agertzen dituztenak. Lehen estaian bertze kapera bat, handiagoa hau beherekoak baino. Soailuko zureria zaharra dena ezagun du, trebeseko habe lodiari datxizkola gapirio-lerroak, aizkoraz ezpalka lantu izanak oro, berritako thindu gorrats ilhunak ez baititu zorionez sobera leunduak utzi. Aldare-mahainaren gaineko arretaulak erakusten dauku saindua othoitzean, Jainkoarekin bekoz-beko, Manresako harpean. Dezagun erran hemen, ez lakiketenentzat, Loiolan bere zauritik sendatu urthearen buruko, Inazio fedearen suak ereman zuela Arantzazuko kaperalat, Loiolatik beheraxago, bospasei orenen bidetan, Oñateko herri ederretik askitto hurbil. Mendi kazkar ikusgarri batzuen mazelan eraikia zen eta geroztik-hunat handitua izan den kapera hartan zituen iragan, zeruetako Amaren itxuraren oinetan ahospez, bi egun eta bi gau. Handik landa jo zuen gero, oinez eta esketik biziz, Barzelonarat buruz, Manresako hiriñorat. Hunen bazterreko harpe batean ikusi zuten hanitz aldiz, bakarrik, gogoetatsu, othoitzari ardura kenduz arimakotzat indar. Han omen zuen asmatu Jesusen Lagundiaren egitea, batza hunek ethorkizunean erabiltzeko zituzken urratsekin. Azkenik, haratxago zen kaperaño batean zituen ereman zortzi gau eta egun datxikola, hazkurrik deus hartu gabe, osoki gogerauntzia Jainkoa-baitan. Ikuska gabiltzan kaperako erretaula hau igeltsuz egina ditake eta margoztatuz apaindua. Orhoitzarenago zitaken, gure iduriko, oihalaren gainean finkatu ukan balute margolariek sainduari Manresako kaperañoan gertatu gogo-bahitzea. Bainan huna nun beharrirat mintzo zaitan ene sahetseko lagun soingabea: —Barne hau, jauregiko belhartegia edo sabaia zen, lehen; hemen etzaten ere ziren, belharrean, jauregiko hiru nuthilak; orai, lerro-lerro ikusten dituzun alki horietan dira jartzen meza-entzuleak, hala-nola hemengo Aita jesuisten erakaspenen aditzera jiten direnak. * * * Geroago begiak erneago bagoazi goiti, bigarren estairat. Hemen laugarren kapera bat, athearen orde burdinazko-grilla apal batekin sarguian. Aldarea dena altzeiruz, sahetsetako bi paretak dena marbrez, biak erle-orrazeak bezala dena xilokatuak; xiloka bakotxak badaukalarik barnean, berinazko athe baten gibelean, urrezko-kutxa ttikitto bat: eliki-untzia. Berriz ere ene beharrirat lehengo boza: «Hemen dira bederatzi ehun sainduren erlikiak, lurreko-bazter guzietarik bainan guziz Erromatik hunat bilduak». Espantiturik gaude oro, urrezko-kutxaño heier so. Muthil erakusleak izendatzen dauzkigu sainduetarik zonbait. Erdaraz ari bada ere ezpain bare batzuekin, iduri baino jakintsuago da, bai eta ikuslarrier atsegin egiterat ixuriago. Ohartaratzen gitu emeki-emeki gibeleko paretan bi erretauler: batek badauka, ontsa aditu badut, Golgothako kurutzearen izpika bat; bertzeak, aldiz, oihalaren gainean olio margoztatuz erakusten dauku Inazio bere aitzindari-arropan, belhaun bat lurrari, apezpiku bati agurka, jende-andana handi baten erdian. Astia baginu, hobekixago beha ginezoke, ez bide baita nola-nahikoa. Xeheki ikuskatzekoa litake halaber kapera guzia, hain delakotz begikoa eta aberatsa: miliun bat baino gehiago gostaia, omen, egin zenean. Bainan arthaldeño bati bezala bere artzainaren ondotik, igaitea behartzen zaiku hirugarren estairat. * * * Berehala erran dezadan, badute hemen ere gure begi bihotzek nun ase eta nun goza. Huna jauregiko bortzgarren kapera. Pareta guziak estaliak ditu onyx deitzen duten marbreaz, hau atheraia Eskualerritik hurbil Espainiako lurrean aurkitzen den harrobi batetarik. Soailuak aldiz, ez aldareak ere, ez dute aipagarririk deus. Bilha nabil badenez —izan behar da nunbait— erretaula bat, Inazio erakuts lezagukena Pariseko bere sei lagunekin, Montnmartreko eliza batean elgarri jarraikitzeko egin zutelarik zin, edo eliza hartarik lekora ithurriño baten inguruan jarri zirelarik baruraren hausteko ogi-idor-xerra batez, elgar nihoiz ukatu behar etzuten zazpi lagun khartsuak. Badakigu orok hetarik bat zela Frantses Javierekoa, Inaziori Parisen eskukaldi on batzu egin ondoan Inaziok emeki-emeki bere-ganat bildua zuena. Ez dut bada ikusten halako margo-lanik. Ikusgarriagorik badugu berdin, bi urratsetan. Kapera huni datxikola bada bertze bat, zurezko tente batzuek berexten dutena huntarik. Bigarren kapera hau da jauregiko orhoitzapen ederrena. Ikusliarrik ez da haizu sartzera. Tenteen arteketarik gagozkio beha bi begiez. Erditsutan badu harri xurizko aldare balios bat; bazter batean, Inazioren gizairudia, zur margoztatuz. Jarririk dago Inazio, eskuineko belhauna lotura batez inguratua. Barne huntarat zuten goititu aitzindari gaztea frantsez batzuek, Iruñako gudutik landa; hemen zituen iragan, oinhaze eta auhenen erdian, hamar edo hamabi ilabethe etsigarri, bere fedeak eta jite zailak sendalarien arthek baino zuhurkiago sendatzera zeramatelarik lehengo neurri bererat. Xoko batean bada oraino erretaula ttipi bat osoki begikoa, bainan orhoitzaren horiek guziak guti, paretako marbrearen xiloka batek agertzen daukunaren aldean. Han da, Lagundiak Erromatik ekarririk kokatua, bere lehen buruzagi Inazio sainduaren buru-hezurra bera. Diamant larri batek erdian, bazterretan diamant xehe batzuek izar-dirdira batez argitzen dute erlikiaren untzia. * * * Atheratzen gira, begiak apur bat lilluraturik. Estai berean, orai, begien ondotik bihotza zaiku behar tanpako batez estali. Muthilak sartzen gitu berehala barne hertsi ñimiño baterat. Bertze guziak bezala elektrikaz argitua da hau ere, ezin eztikiago. Xuriak ditu soailua, paretak, zola bera, bainan ez dute gisuaren xuria, ez paperarena, ez marbrearena, ez thinduarena, ez zetarena. Gotorragoa da xuri hura, zertarik ere baita, hotza, beregizkoa, erraitera ginoazke berkoia. Harateko buruan, gizonak idekitzen dauzkgigu, zabal, armairuño baten athearen bi alderdiak: zurezko gizairudi ttipi andana bat agertzen zaiku, erdian zeruko Amarena, oro urrez margoztatuak. —Hemen —dugu jakiten erakuslearen ahotik— zuen ohi biltzea egun guziez jauregiko familiak; elgarrekilako othoitz-lekutzat zaukaten barneño hau. Behazue orai armairu-atheari, parater, gainari: zilar hutsez dira guziak. Arkuan jarria den soailuan, zilar-plaka lodi bakotxa hegiz-hegi zilarrezko lore ñimiño batzuek bere lagunetarik berexten dute, zedarritzen, ikusliarrarren begi-atseginarentzat. Behazue oinetarat: zola bera zilarrezkoa da, harri pikatuz balitz bezain zangoarentzat gogor. Xoratuak gaude zonbait minutaz, kokatzen ahal girenak oro. Halako othoitz-leku bat balu etxe bakotxak, segur hemen guhauri bezenbat bihotza uzter litzaikeela bizizaleer. Duda zirringila bat hautemaiten dut bizkitartean neure baitan: holako barnerik, orhoit bahiz, etzukean duela hogoi urthe estai huntan? Geroztik egina izan behar dik. Inazioren gelari kendua ziokeie xoko bat, oratorio-karialat dadin ager. Haren familiak etzikekan, orobat, othoitz-leku berezirik: sainduekilako armairuño hori ba, bakarrik, Inazio bere zortzi semetarik gaztenaren ohe-ondoan. Arras durduzatua, ene gaztetasuneko apez lagunari dei egiten diot argi nezan, bethi sahetsean dagokitala ustez: bainan ikusten nuen baino gehiago ez dut aditzen, ez dut hautemaiten ere orai. Zendako othe zait bertan ezeztatu? * * * Bakar gelditzetik gogoa ilhun, banoa ene lagunen bilha. Korridor hertsiaren bertzaldetik aurkitzen ditutu zazpigarren kaperaño batean sartuak, haztatzeko eskutik eskura batek bertzeari irriz emaiten dituztela aldare-gibeleko gandeler-zango batzu. Ez dira baitezpada hain handi ez lodiak, bainan ba, altzeiru hutsak direlakotz, doidoi jasan ahalekoak. Zer diot altzeiru hutsak? Guneka, eta gainetik behereraino, ez dakigu nolako ez zer tresna zorrotzarekin zango bakotxak bere azala alde orotarat pikaturik, arrailkaturik izana du, zur guri bat zirrizti-zarrasta batzutan marratzen duen bezala xitxuketariaren kanibet-puntak. Eta ara hortaz urratua izan zen ildoxka mehar bakotxari bazaio bere bethean sakatua, tinki, urre-xixter luxe dirdiratsu bat. Ildo hek etzituzten bizkitartean itsura egin; urrea han dute lekuko, antzez erabili zuela ofizialeak bere eskua, desinu pollit zerbaiten atheratzeko lehiarekin. Zer lan xehe, xuhur, miragarria! Auzo herrian, Eibarren, dela izan egina, atsegin dugu muthilak erranik. Ohartarazten gitu, bertzalde, delako zangoen alkia gei berez eta ara beretan obratua dela, halaber ziborioa gorderik dagon armairuñoa, halaber aldare-mahaina jasaiten duten tenteak. Orori badarite urre-dirdira ezti bat: alzeiruaren argi gaixtoak nundik-nahi baitu hautsi eta histu, zangoa osoki urrea izaitetik jauz zitaken iguzki-sista beroa. Bainan, ezti bada ezti, ez da bihotzerakorrago baizik. Saminegi etzadin izan urre-iguzkia, egin zuten oraino hemen bertzerik. Etzinezake neholere asma zer: aldarea bizkarraz dagon pareta apaindu zuten marbre urdinez, bizkarraren eremua baino zabalago bat duela hunek hartzen. Austriatik ekarria izana da lapis-lazuli deritzaion marbre hura. Eta biderditarik so egoiten bazinaizko kaperañoaren buru-aldeari, han ginen guziak orduan egon ginen bezala, aithortzeko zinuke xedea bethe zutela osoki: begiak goxatuaren-goxatuz, bihotzaren beraztea baitzitaken. Xede hori bera zuketen segur, ezen, gainera, bertze hiru paretak onyxez apainduak dira; xafla neurrikoetan onyxa, hunen mamiko zain gorratsek izariz zezaten ager beren argia, aldare-tokikoaren ez bortizteko. Ohartzen niz behinik behin xoratuak dagozila gure ondoko emazte guziak; durduzaturik, gizonek berek ez dakigula norat itzul. Etxe huntako sorginkerier, holakorik erran badezaket, bihotz gogorrenekoentzat ihardukitzea lan. Ederrenez begiak lilluratuak, burua goititzen dugu soailu alderat; beheititzen ere ba berehala, xoradura guziak galdurik: apala da, gapirioen artetan berina batzuekin kanpoko argiarendako. Nimiñoago baizik ez da agertzen kapera, ñimiñoegi bere edergailuentzat. Muthilaren arabera, ikusiak omen ditugu etxeko ikusgarri guziak. Bageramatza bi ixtapez sakristiarat, hemen ixil-ixila xoko batean baratzen delarik bera. Barne handi apal bat da sakristia. Orhoitmeneko iduk dezakegunik ez du deus, non ez den ornamentak bere tiretetan etzanak daduzkan armairu beltz, zabal, laburra. Hoin beltza izaiteko, ebenazkoa du izan behar. Eskultura ugari batzuek musikatzen diote aitzinalde guzia. * * * Baratu ere gabe, ene lagunak oro badoazi, muthilari eskupekoaren emaiteko baztertu ondoan, igan eskaleretik jaustera. Banago bakarrik, khexu hogoi ta bortz minutaz hoin arinki ibili izanik hainbertze ikuskizun miresgarrien artean, egun osoa bederen aztertuak izaiteko ez baitzuketen sobera. Gero, gogoa hasten zait erasiaka, hunelaxe: beren aita, beren buruzagi eta nausi lehenaren sor-etxea xutik iduki nahi ukan baitute Jesuistek, goretsiak izan bedite beren ezagutzarentzat. Bakar batzuendako hobeki zitaken, orobat, zen bezala beiratu balute etxea, zen bezala Inazio bere aitama eta haurridekin han bizi izan zenean. Bainan jendeak sinetsiko zukena halako jauregi xume batek ohatu zuela noizbait, eta moldatu, saindu handienetarik baten arima? Beiratu zukena luzaz huni bere atxikimendua, ez balu etxe-barna guziak erakutsi, begien ondotik bihotzak joz, jendeak gehienik maite dituen lurreko edergailu eta aberastasunetarik lipar bat? Ditzagun eskerrak bihur Lagundiari, lilluraz-lillura gauza baliosenen arartekoz arima baitauku goratu, ulertzerainokoan nolakoa zen Inaziok beretzat hautatu ontasun bakarra, hau baitzen —eta baita bethi— lagunaren alderako amodioa Jainkoa baitan. Gogoa horrela dabilkitalarik, ohartzen niz itze batetik dilindan dagon erretaulaño bati. Egiaren aithortzeko, duela hogoi urthe aurkintze berean ikusia nuelakotz, ez nuen ahantzia. Hurbiltzen nitzaio emeki, muthila oldar dakitan ez fidaz. Begien aitzinean ditut Inaziok berak izkiriatu lerro batzu. Irakur zitazken ene ondar ikustaldian, orai ez: erdoilak jaten ari ditu hitzak, papera bera andeatzen hasia da. Lauzpabortz mende baizik ez dirauke beraz, berinapean ezarririk ere, idazle baten esku-lanak. Zer deithoragarria!... Berdin, histuaren gatik irakurtzen ahal baginu, adi othe ginezakea den-gutienik sainduaren orduko hizkuntza? Gure oraiko mintzaiarena balitz ere, beldur niz ezetz. Beldur itsusiago bat badut —barkatu lumatik erortzen bazait aithorra— beldur niz Inazio gutarterat ager baledi eta dakigun eskuaraz aholka bagintza, behin Azpeitiarriak karrikan gaindi egin zituen bezala, gor eta elkor egon ginitzozken. Idek nola solasek, nola idaztiek, ez ote duten beren garaia edo sasoina, nago dardarika batekin... * * * Hain xuxen, farrasta bat hautemaiten dut ene sahetsean, eta huna nun ikusten dutan —nundik jina othe?— uste gabetarik oixtian itxalia zitzaitan ene apez laguna. Ez daut orai behatzen ere. So gelditurik erretaulako izkirioneari, erhia xut adiarazten daut idorki: —Inazio etzen jakintsua. Nekez mintzo zen, hurriki zitzaion atheratzen elhea; haren idaztietan, halaber, ez da ezagun idazlearen antzerik. Solas berak atxikiak zauzkitan, lehen. Ez diot ihardesten batere. Baditake etzen hanbat aho ederrekoa Inazio; izan ditake lumaz ere etzela trebeenetarik. Bainan ez jakintsua! Ez dut sinesten tuntik. Argi laburretakoa, gizon egin artio jende argituen artean hazia izan zen aitoren semea, gizondu ondoan bere adimendua ezin aski argituzko themarekin ikastetxe aipatuenetan hogoi urthe ereman zituen entzule bipila, ohartze apurrekoa izan zela gizon hura!... Zonbat buru oneko gizon, buru handikoak ere ba eta gain-gainetik argituak, idazteko ala mintzatzeko deus guti direnak izan! Apezñoa aitzina bereari, idorkiago oraino, izaitekotz: —Inazio baitan izan den handia, da bakarrik bertutea. Maitatzearen ariaz, bere begiz ikusi zuen Jainkoa. Jainko-legearen ezagutarazteko lehiaz errea, bere indarrak higatu zituen Elizaren erakaspenak leihorrez-leihor hedatuak izan ziten lurreko bazter urrunetaraino. Guti ibili zen bizkitartean bera, herriz-herri. Erroman zituen ereman bere azken hamabortz urtheak, ez-deusez bizi, ardurenik othoitzean, bere gorputzaren alderat garratz, hartu xedeetan egunetik egunera gogorrago. Hurbiltzen zitzaizkonetarik hanitzak bereganatzen bazituen, bertuteaz zituen bereganatzen. Bertan eskaintzen zitzaizkon laguntzat, eta abiatzen lanerat. Dena sua baitzen, hura zen ororen berozale, hura ororen gider. Hil izan zelarik 1556an, hiruetan hogoi-ta bortz urthetan, baziren idekiak mila ikastetxe baino gehiago gazteriarentzat; milaka baziren Jesuistak, bazabiltzanak nun-nahi Jainko-legearen predikatzen, guziz haurrer. Ez da gutiago egia, diot ixil-ixila ihardesten, Inaziok nahi ukan zuela bere lagunek eta ondokoek gazteriari erakats zitzaten, ez bakarrik Elizaren erakaspenak, bainan oraino zuzenki eta ontsa bizitzeko behar diren jakitate mota guziak. Ez balitu berak jastatu bederen ukan, nundik zukeen bere laguner hainbertze arthamendatu erakats zitzaten? Atheratzen gira adixkide halere sakristiatik, biak. Zonbait urrats oraino elgarrekin, eta eskaleretarik petik-gora heldu den argiak iatzartzen bezala nu. Ametsetarik ari bide nintzen: betespalak thorratu ondoan, ez dut ene aldean ikusten apez maitagarriaren itzalik ere... Nun othe dituzket ene lagunak?... * * * Mailak tarrapatan behereraino jautsi gabe, baratzen niz ezkaratzari so. Ttipia da, bainan dena marbre xuriz apaindua, eta begikoa osoki. Bat-batean paretan thindatu hitz batzuek jotzen dauzkitet begiak: eskuaraz dute jakinarazten hau dela San Inazioren sor-etxea. Eta atsegin zait, atsegin handi, eskuaraz baitira. Doidoi, etxearen erakuslea eskuaraz mintzatu izan balitzaiku eskualduner, atzerritarrentzat idukiz erdara, orhoitzapen hobea baizik ez ginuken beiratu, hemen iragan minuta ezin-ahantzizkoez. Jauregi aitzinean atzemaiten ditut ene bideko lagunak, alde orotarat haserre dabiltzala, nere berriz ikusteaz etsituxeak, erasiaka. Agertu nintzaieneko, hasperen batekin besoak hagatzen dituzte ortzalde, eta, berehala, komentutik athera gabe sartzen gira, zipuko gizaiduriaren gibeletik, arteka batean barna. Hemen, bat bertzearen ondotik hiru neskatxa gazte, azkar eta eder, harat-hunat badabiltza, apezen ofizioetako liburu handi bati bat-bederak behakoa landatua, noiztenka kurutzearen seinalea eginez. Eretzearekin gu, begi larri beltz batzu eztiki zeiharkatzen dituzte bizkitartean gu hunat, mundutar batzuei urrikalmenduzko agur baten karialat. Serora-gei zonbait? dautazu eginen. Ez: bazterretarat behatzen dute. Beata batzu? Ez eta: othoitzean neurriz derabiltzate ezpainak. Hiruak hiru sintsa, geroztik? Are gutiago: buru-ahuleria mikorik badutela ez dirudi; aitzitik, gogoa bizi-molde bati finkatua dute ezagun. Neskatxa baten ethorkizunaz nork on egin? Halere gogotik berme jar gintazke ama familiako batzu hautak izanen direla hiruak: emazte batzu berekin ukanen dituztenak osasuna, fedea, esku-lanaren amodioa, jakitatea, bertze zerbait gehiagorekin oraino, hau baitzaiku nausi eta etxekandere gehienen gainerako itzala, herrian. Bere ohore eta edertasun berezia, halako emazteer ditu izan, bethi danik, zor gure Eskualerri maiteak. Bi urratsez helduak gira komentuaren erdiko athe-nausi zabalerat. Azpeitiaraino hedatzen den planaderari so egoiteko tirriak erretzen gitu, bainan nola utz Loiola, eskerrak bihurtu gabe holako aroa eta hoinbertze gauza ederren ikusteko zoriona eman dauzkigun Jainkoari. Sartzen gira beraz goipularriak estaltzen duen kaperan; komentuko Jesuista eskolemaileek, ixtudiantek, bai eta auzoek hau bide dute, goizetan, beren othoitzetako toki. Bagaude behin ixil eta geure baitan sartuak; eta gero, orok gure begiak goiti. Ez luzaz haatik, ez baita zorigaitzez gain hartan miresteko deus handirik. Kapera biribil-biribila da, askitto nasaia, argitua izariz bere inguruko tenteen artean ohatzen dituen aldaretaraino, bainan egiaz arruntkiegi duela gapeluak hesten, arroltze-kusku baten idurirat. Bertzerik ginaukan kanpotik Loiolako goipularria. Laster itzuliak gira athe-aitzinerat. Mailadiaren hegian xutik elgar hunkitzen dugula, bagaude ittan bat Azpeitiaraino luzatzen den planaderari so. Zer ordoki ederra, erregebide leun beltz zabalak hausten duela erditsutarik! Zer xoko maitagarria Eskualdunentzat! Beren hauturala lerro-lerro ibil ditazke hemen, herritar saindua othoiztuz, kantatuz bi bulharrez haren laudorioak. Gizon guti izan da lurraren gainean harek bezenbat eta halako kharrarekin gizoner Jainkoaren hitza ezagutarazi nahi ukan duenik; guti, harek bezalako sua piztu duenik laguntzara bildu zituenen bihotzetan; guti, halako lanak lurreko eskualde guzietan eginarazi dituenik bere xedeen arabera; nehor ez, bera bizi zeno bere erakaspenez langile bat argitu eta indartu duen nausirik, nola baitzuen egin harek bertze eskualdun bat: San Frances Javierekoa. Bi sainduen alderako beila-toki da, geroztik, Loiola eskualdunentzat. Gozo zaizkigu gogoeta horiek, San Inazioren sor-etxeko komentu-aitzinean. Baginagozken han luzaz, begiak aski ezin asez, noiz ere ohartzen baikira gure otoen sahetsetik jaun eta andre multxo bat zalu badoazila, komentu-hegiari lotua den etxeñoari buruz. Ardia ardiari bezala, gu berehala heien ondotik... IX ZIRIKANDO Bere luzetasun gehienean badu apiriko-azpi bat etxeño hunek, komentuko aitzinalderat idekia, hegatza jasaiten diotena harrizko pilar batzuek. Alderdi batean ikusten ditugu zurezko mahain luxe mehar bat, eta gibeleko paretan itzatuak estaiera batzu, San Inazioz orhoitzarentzat salgei-zurruburru batzuez mukurru-betheak. Badute hok erosle, Senar-emazte batzu ari dira, harrapaka, gauzetan truk jendeari sos biltzen. Bertze alderdiak erakusten dauku kafe eta edari edozer zerbitzaren ohi dutela hemen, egarri ditazkenendako; barnaxago baita etxeko athea, ezagun ere da jatera emaiten dutela berdin, galdatuz geroz. Gaineko estai bakarrean izan behar da orobat ganbera andana Loiola berean etzan nahi luketenentzat. Itxura onekoa, bertzalde, etxea: dena harri pikatuz eta beltzaana, komentua bezala. Ez egarri, ba egarri, ikusteko bagoazi jartzera mahain zabal baten ingurunerat. Eta ordu berean, ondoko mahain ttipi baten bazterretik erdi-xutitzen zaiku buru-has jaun bat, frantsesez erraiten daukuna: «Ene bihotz guzitik urrikari zaituztet jaun andereak». Kopeta beheititzen dugu, harriturik hainbertze ausartziaz. Eskuin eta ezker, irriz hasi dira bertze batzu: frantximantaren atheraldiaz othe, ala gure ahalgetzeaz? Zainak ernatu zaizkit; jaun horren mintzoa aditua duk hik berriki nubait? Behatzen diot aurpegirat: eniz ordean orhoit nihun ikusirik gizon hura, nor ditaken etzait gogoratzen batere. Zendako gituen urrikari, begiak ñirñir eta erkaitzak ximurtzen daizkola ezpain-xokoak, salhatzen dauku gora-gora: —Badu oren-erdi bat, hemen jarri-ta edateko bat galdegin nuela. Eta behazue ene mahai-gainari! Huts-hutsa, latsaarri bat bezain berdina duela ez ginezoke uka, bainan ez diogu erantzuten hitzik, gurea halaber egoitekoa ez othe denetz ez baikira orai fida... Khexatzera goazineko agertzen zaiku beharrik emazte adinetako bat, zer nahi dugun galdez. Ikustekoa da orduan gure jauna: ahantziarena eginez edo ahantzia dela ustez, tokiaren gainean xiribolaka baita abiatzen urtxintxa baten pare. Jin-berri guzien mahainez-mahain badabil emakumea, etxekandere haundi baten urratsean, kasaka nabar luze batek jauntzia lepotik belaunetaraino, ile zuri beltz adaska lodi batzu buru-gibelean antze handirekin kurubilkatuak. Noizbait ekartzen dauzkigu gure basoak, ur freskoz bethe garrafla batekin, bainan eskatu ginion hormarik ez. Nekez, arras nekez, diogu adiarazten horma-beharretan gintazkela bada, behar handitan. Zonbait minutaren buruko, azita batean eskua bezain zabaleko horma-mokor batzuekin, emaztea berriz gure ganat. Bainan zerekin hauts halako peñak? Gaixoak aithortzen dauku ez dutela etxean hortako tresnarik. —Hau da, hau egiazki Jesuisten kafea! dio bazterretik frantses harroak. Nahi dituzten sos guziak biltzen beren museoa erakutsiz, horma puska baten kraskatzeko aldiz mailuxkarik ere ez! Sakelak bethe ondoan, arrats guziez sorhopil huntan, gehiagoko deusen axolarik gabe, diren bezalakoek egiten ahal dituzten jauzi-putinkak! Madarikatuen gatik, egarriarekin hiltzea luke hemen gizonak. Ximista-zarrasta bat orduan nere buru-muñetan. Zilatu dut azkenekotz mihi-gaixtoa nor den: kapera mozaikadunezko kanoiaren ondoan frantsesez algerrekin hizkatu ginen gizon hura bera! Mintzoaren otsetik dut zilatu, hala nola mintzaiaren pollit arinetik. Bitartean, horma-mokorren hausteak ez gitu den gutienik lotsatu. Ene bigarren lagunak, lurreko gizon ixilenetarik bat izanikan ere jeinutsua baita, bere makila ferratuari giderra kendu dio, eta burdin-gerren zorrotzaz eztiki zirringilatuz harri gogor hotzak, zapartarazi dauzkigu bederazka. Gero, edateko goxoagorik hurrupatu ginuela nihun, ez ginen orhoit nehor... Azkenean bada, zerbitzariak ekartzen dio gure aldeko frantximantari baso bat, ortzadarraren margo guziak nahastekatzen zaizkon edari batez bethea. Behatzen dio jaunak begi pinpalet batzuekin, jastatzen du behin, jastatzen bietan, jastatzen hiruetan, eta zazpi debru batean zintzurrari-beheiti sartu zaizkola erran zinezake, halakoak baitira eta hain bitxiak gizonaren ihakinak. Bere ezin-egonaz urtxintxa bat zirudiela baikinion oixtian, orai mathel, begi, esku eta zangoen igitzetik ximinoa dirudi. Ez dakit zer bidez. Voltaire zenaren orhoitzapena heldu zait gogora. Haren ilobasoetarik bat ditake gure auzoa. Jesuisten erakaspenari edo sinesteer berer sistako baten emaitera loake segur bere mihi ozpinduaz —bihotzean min egiten duten, eta sekula nehori-buruz igortzeko ez litazken sistako hetarik— noiz ere ene beribil-gidariak tinkatzen baitaut besoa indarrekin, bekuruntza gorri-samur dautalarik agertzen. * * * —Ez dezagun gehiago beha gizon horri! daut egiten bortizki. Ni, okaztatzen nu. Horra nolakoa den frantsesa: bazter guzietan gizonkiaren desohoratzeko tresna bat. Ergela baizik ez balitz, ez litake oraino hanbat arranguratzekorik; bainan gaiztoa delakotz bertzalde, da ezin-jasana. Harrigarriak dira bere mihi txarraz, bere burujopeaz, bihurriaz, ihakin eta trufez, bere buruari lehenik eta gero bere herriari dakartzan kalteak. Horren gatik da bertze gizadi guzien artean gaizki ikusia. Bertzelakoak balitu bere bihotza eta egintzak, baluke doi itzal; adimendu ernekoa dela aithor lezakete bederen, eta onets orok. Ikusten duzun bezalakoa baita, azpitik daukate eta apal. Bizipide herresta batzuetan higatzen da ardunerik frantsesa. Erran behar ere da ez dela langile handia; jarraikia, are gutiago oraino; unhatzea ez du maite, aho-xuria da, bertzeen enganatzea zaio guziz laket. Sinets nezazu. Amerika beherean aski luzaz egona bainiz. Ez da erresumarik, Frantziak eskualde hartan bezain gizon egiazko guti duenik: koziner, ile-mozle, thindazale, musikari, tapizatzale, dantzari, komediant, ostaler, azti, kazeta-egile, modista, horra zer ofizio zurruburruak dituzten frantses-umeek han gaindi. —Biltzen dute ordean sos? diot galdatzen ene lagunari. Ihardesten daut, nakaitz batekin: —Irabazten dute ba, nahi baduzu, bainan ez halako izigarririk. Frantsesa bainiz gisa batera, nola zuhau, ahalgetzen niz hoinbertzeren erraiteaz; nundik halere gorde dezazuket komerzioko ala industriako giderrik hoberenak aspaldiskoan jadanik frantsesek galduak dituztela han beren faltaz! Banketxe handiak, halaber, bertzeen eskuko dira. Zer erran, ororen gainera, gobernioak bere ordain harat igorri gizonez? Aleman, ipar-amerikano, angles, italiano, español kontsuletarik badu edozoin frantsesek argi eta laguntza gehiago, bere herritar aitzinekoetarik baino, hain baitira hok ardurenean fluxak. Bihotz-erdiragarri da, zinez! Gerla hunen ondotik ez bazaio frantsesari bere kanaitatea ontzen, xahu da Frantzia; alferretan luke irabazi gerla. Garbiki derratzut: frantses guzien artean, guk Eskualdunek dugu, denik ere, konfiantzarik gehiena Ameriketako jendearen ganik. Nungo nahikoek badakite hitzeko gizonak girela, aho-onekoak bana-bertze, garbiak lagunaren alderat, zu entzutea ohore bezain zu erraitea atsegin zaikunak: goraki, aithortu dute, bethi, lan gogorrenek ez gituztela lotsatzen, guk ditugula hango eremu zabaletan erein aberastasunaren bi azi baitezpadakoak, hok baitira laborantza eta hazkuntza. Aita batek luken bihozminik handiena nuke, ene semetarik batek hartzen balitu aitzinean dugun pikabuztan horren manerak. Bere erasia luzeak akiturik, gelditzen zait mutu ene mintzolari sarkorra. Ohartzen niz makur erori ere dela azkenerat: nehork ez baitzioken kasurik egiten, basoa husturik Voltairen ilobasoa elizako saindu bat bezain geldi dago eta ixil, orai, bere kaderan. Alha zaizko haatik begiak, nahiz eztiki. Ihizi on baten aurpegia daukalarik, etzait iduri halako gizon gaixtoa dela. Zonbat aldiz ez ditut aditu ene lagunaren solasak, bertze batzuen ahotik! Ez dira segur oro gezurrak. Bizkitartean, ez nute nihoiz hunki barne-barneraino. Gizadi guzien artean frantses gizadia badaukat lehen, bat ez baita harek bezalako adimendu erne eta bihotz ona mendez-mende erakutsi izan dituenik. Nausi da bertze guziei. Ohart ez zitezin —eta ez dira ohartu nihoiz— nago bere izaitezko zilar bizia deusek hobeki gorde othe zezoken axaleko zanpailkeriak baino... Banagoke oraino hemen gogotik oren bat, ene lagunek besotik ez baninderamate otoetarat. Nahi-t'ez igan behar dut. Jar-orduko abiatuak gira, azken behako bat emanik Loiolako komentuari. Azken aldikotz ez othe dugun ikusi zonbaitek? Biziki argi dago eguna. Uste ginuenetik hanitzez goizago dugu. Emeki bagoazi, emeki, planaderan harat. Ezkerretarik, hunatekoan baino ederrago baizik etzaizkigu agertzen seroren bi komentuak. Nehor ez da leihoetarik ezagun. Gure aitzinean, elgarrekin elhe eta elhe badoazi oinez bi apez: bat adinetakoa, bertzea gazte hutsa, kasik haur bat bere lepo xuri luxe eta sorbalda hertsiekin. Urrats bakotx, bere sotana handiaren hegalak zaflaka sartzen zaizko zangar meharren arterat. Jesuista-gei ixtudiant zonbait? Behatu ere gabe aldaratzen zaizkigu biak, bethi beren solasari. Gure gibeletik, beribil barnean, aditzen ditugu solas hauk: —Hemen ez dute, Frantziako aldean baino gehiago, eliza-gizonek ixtudiant gazteer eman jautzi egoki bat. Semenario ttipietakoak, hasteko, gaztegi dira sotanaren erabiltzeko soinean. Etzaizkizu bixi, eta irringarri apur bat, holako haurrak beren jaka luzearekin? Nola etzaioten aitzindarier gogoratu, ixter erditarainoko tunika bat aski zuketela, papoan floka beltx batekin! Gapelua haatik, ez dut ikusten nolakoa zitaken begikoenik. Buruzagiek ixtudianten ama eta arreber galdegin belute bederen kontseilu... Apaintzeko zeretan, berez-bere gizonak deus ez dira. * * * Azpeitiako karrika iragan-eta, hartzen dugu ezker; bainan, herriko etxetarik urrundu gabe, zubi baten ondoan horra nun elgarrekin hitzharturik bezala gelditzen zaizkigun bi otoak. Nor zen orhoit burdinazko zaldiek ere hatsa galtzen dutela azkenekotz, doi zaldare ez bazaiote emaiten? Beharrik orhoit zituzten ba gidariak... Ezantzaz zurrustan bethetzen ari zaiolarik berea, ene laguna, biderat jautsia, egundaino ikusiak ez dituen bi azpeitiarrekin mintzo da karraskan eskuaraz. Nun-nahi berehala egiten ditu adixkideak, errotik lotzen dela bihotzetik sakelerat eta sakelatik bihotzera doazin solaser. Gaitza da. Bekaizti nitzaio bere amarruarentzat. Bertze otoaren jabea, aldiz, bethiko ixil gogoetatsu hura, bere alkian. lau andreak jarririk elgarrekin zoin-gehiagoka Loiolako ikusgarriez, ez baitzituzten —aithor dutenaz— hoinbertzekoak uste. Lauek osoki ahantzia dute Orreagako harria. Burgozerat joaiterik ez dute orai den gutienik gogoan. Nik ere ez mihian... Eta berriz abiatzen gira, mendealerat buruz xuxen, aldi huntan. Bide ona dugu. Beude Giouzkoarrak nausi bide-egiteko; egin ondoan, ontsa atxikitzeko. Hunat igortzeko litazke, lanean ikastera, Frantziako kantonierat. Gogoa arintzen daukute, bertzalde, itsas-aldetik zeruari gora iguzkiak botatzen dituen urrezko iñar ahuldu goxoek. Zelai hertsi, gixen batean sartuak gira. Bortz ehun metra zabal balin bada, gorenaz. Bazter-aire, bere luzetasun guzian gure beribilek bezala ibaiño batek kurritzen du, ura lodi eta barna. Urola ere du bere izena. Han-hemenka, laborari-etxe bakar batzu, baratze on batzuekin aldean. Pentze-zolak berde agertzen zaizkigu. artho-alhorrak musker, belhar ala landare guziak hezean ditazkelakotz alha. Zelaiaren bi sahetsetarik bizkitartean, guziz eskuinetik, mendi-paretak larre, eta tokika harriraino larrutuak. Zonbait minutaren buruko, erregebidearen ezkerretarik etxe-lerro bat, luzatuz doana han-harat urrunsko. Ez dugu galdegitearen beharrik nun giren, afixa zozo batzuek erakutsia baitaukute. Cestonako hiriñoan gaindi bagoazi, alde orotarat beha, hanbatenaz begiak erneago non frantsesek toki hau irriz jokatzen ohi baitute, diotelarik: Cestona, le Vichy espagnol! Ene lagunak, eta ni ez gira den gutienik jostagura, harrituak baikaude hamabortz urthe huntan hiriño hunek, handitzera ez bada, edertzera egin duen jauziaz. Bidetik barnaxago, itzalpe batzuen gibelean, ikusten ditugu bai hôtelak bai ur-onen hartzeko atherbeak beren pareta xuriekin, leihoak berriki gorriz thindatuak, lorez apaindurikako askaño batzu erran baitzinezake behereko hegitik badatxizkitela dilingo. Badakigu bertzalde zer gibelondo ona duten hemengo urek. Medikurik jakintsuenak alde dituzte. Ezagutuak dira bazter guzietan. Eta zonbat bertze ithurri-mota ez dute xokoetan Gipuzkoako, Nabarreko, Bizkaiko, Arabako lurrek, elgarren lagunak oro ithurri hok, osagarriarentzat ezin hobeak, ezin hobeak asko gaitzen sendagailutzat! Cestonako zelaia bera da hertsiskoa, Vichy bezalako hiri bildu baten egiteko. Aithortzeko ere dute Gipuzkoarrek, ez dutela orai artean burua hanbat berotu hemen, hargintzako ala zurgintzako edergailuetan. Murritzak dira, lantze ttipikoak, berdinegiak, hotz eta motzak beren loreen gatik, Cestonako hôtelak Vichykoen aldean. Eskas ditu bertzalde toki hunek Vichyko itzalpe nasaiak, sar-atheratzeko burdin-bideak, eta naski jolas ala josta-lekuak. Durduza batek hartzen gitu bizkitartean, karrika luzearen harateko buruan ikusten dugularik, bere eliza apalarekin, lehengo herri zaharra. Askitto zabal emaiten du; etxeen kantoinetako nola athe, leihoen inguruetako harri pikatu beltzaan dorpeek, pareta histuek begia jotzen daukute, beratzen bihotza. Hor bizi izan ziren orai bizi direnen arbasoak, langile antzetsuagoak bere heinean, hek, oraikoak baino. Sail berari jarraikiz, ara beretan thematuz, semeak aitaren eskuan bere eskua, zendako ez dute bada ondokoek arbasoen herria toki berean ederragotuz goititu, zendako bada ez lezakete oraino goiti? Gure auhenez axolarik gabe, beribilek tarrapataka bageramatzate bethi mendealeratago. X ITSASOA KUKULAUKA Bihurtzen gira ezker. Bide puxka baten buruko, patar ezti batzuen ondotik, itsasoari arras hurbil, bainan itsasotik lur-hegi gorasko batek maldatua, agertzen zaiku haran bat ezin pollitagoa. Eguerdi-aldetik iparrera dago, erregebide handiak luzerat hautsiz. Erregebidearen harateko bazterrean, ditaken herririk begikoena: Zumaia. Ez goazkio bizkitartean ikustatzera. Aski zaiku, emeki hartzen daukutelarik otoek ipar-alde, jakitea zer tokitan den eta nolakotsua bera. Herri bildu-bildu bat, Zumaia. Pentokaño baten gainetik eliza zahar eder batek ospetzen du, zainduz. Itsasotik beiratzen duen lur-hegiak badu arteka bat, legartzaraino heltzen dena, bainan itsasorik ez da zorigaitzez ezagun. Haranak zola-onekoa emaiten du. Jin giren eskualderat ez du bizkitartean lur-mendoi batzuez bertzerik, hor iuzpegiratago eta elgarren ganik hurbilago, mailez-mail gorago ere ba eta idorrago: zer bazka finen ez ordean jabe! Herriaz guziz zaizkigu alha begiak. Nun, gabiltzan eskualdetan etxe xuri hobeki atxikirik, nun etxe-bilduma maitagarriagorik? Haran-xokoan, elgarri tinki dagozi, mendiak ez itsasoko uhinek ezin hertsatuzkoak neholere. Baditake haatik, berdin, tenore huntako egun-argi eztiak diren baino pollitago dituen egiten. Maite dugu orok Zumaia. Errana daukute hor bizi izana dela hanitz urthez, omonier, Domingo Agirre apeza, eskual-idazle aipatuenetarik bat. Nolaz etzuken izkribatu liburu ederrik, holako tokian? Gizonak zoriona ez aurkitzekotz hemen, nun aurki? Eskuarazko liburu eder batzu egin zituen bada, eta argitaratu, apez on jakintsu harek. Badira hiruzpalu, urrea balio dutenak. Damurik oraiko gazteek guti dituzte maite eskuarazko liburuak! Damurik, bertzalde, gira eskualdunak hoin ezazol eta hoin zozo, gure arbasoen mintzaiaren alderat! Damurik, oraino, hoinbertze aldasketarat da abartua, sasitzerainokoan, gure eskuara zaharra! Dena den, antze handirekin mozkindu zuen Agirrek. Bizkaiko eskualkian berdin trebe zen nola bere herrikoan, ez bazen trebeago. Bizkaitarrez ez othe duen ere erakutsi zain gehiago, eta gemen indartsuago bat? Laborariez eta laborantzaz egin du gehienik solas, itsas-arraintzariez, eskualdun zaharren oitura ezin-ahantzizkoez, oraiko bizipide berri batzuez, lehengo eskualdun sainda batez. Nehor ez da hura bezain gizonki mintzatu eskualdun emaztekiaz; nehor, neskatxaren bihotzean sor ditazken sendimendurik ederrenez. Bada, egun batez Euskaltzaindiak deitu zuen bere ganat idazle bikaina. Joan zen Agirre, bainan laster etxerat itzuli ere ba hura: ohore xumeenek izitzen zuten gizagaizoa. Etzuen onik bere Zumaia maitean baizik. Harrigarri da etxerat buruz zoin erne dabilzkigun gure zaldiak. Patar kotsua gora-behera, haranaz-haran eremanak gituzte jadanik zelai idorsko baterat. Hemen, etxe berri pollit banakatu andana bat. Ohartzen gira badituztela, artetan, moda zaharreko egoitza azkar batzu, paretak zuri, harri-pikatu beltzaan desbardinekin leiho-hegietan. Ordu berean, aire fresko gaziño bat hautemaiten dauku bat-bederari sudurrak. Botz eta erne, hatsa hartzen dugu orok bulhar-bethez. Itsas-hegitik arras hurbil gitazke, Zumaian ginen baino hanitzez hurbilago. Izaitez, Zarauzen sartzera goazi. Lehenbiziko oto gurea, Tolosako kaskañoak zentzaturik edo, aitaso baten urrats zuhurrari jarri da tanpez; bigarrena badarraio gibeletik, berdin eme. Bitxikeria ordean: berriz etzaikuia, berehala, bidea bihurtzen ipar-alde? Itsasoa ez othe dugunez, hemen ere, ikusi-gabe utzi behar? Hala luke iduri, behin. karrika zabal, luze, i-a bezain xuxeneko bat dugu aitzinean. Begi-ukaldi batez ikusia dugu dena, bururen-buru. Gogorki ederra da, nahiz bi bazterretako etxe-lerroek baduten guretzat halako pisu-aire bat. Athe ala leiho-inguruetako harri pikatuak gaitzak dituzte: balkoinez brokatuak dira aitzin-pareta gehienak, eta ez dituzte baitezpada arinak, dela beren harrizko-zolaz —airean gogorki baita ere azpitik atxikia— dela beren burdin-grilla lodiez. Hegatzak, bertzalde, erdirategi zaizkote zabaltzen karrikarat buruz, etxe zonbaiti. Aithortzeko dugu, bizkitartean, azpitik ezagun dituzten gapirio ozkatuek durduza bat emaiten daukutela, hiriaren alde. So batez hartzearekin guzia, karrikak badu zerbait, gogoeta gauzkazkena. Ahaldunak zituzken egileak; iraupenaz grinatsu zitazken; xedeen araberako zituzketen jakitatea, ederrerako jaidura, tokiaren amodioa, beren eta ondokoen ontsa-nahia. Ez diogu luzazago behatzen hargatik; ez dezakegu. Ezkerretarik, xuxenerat, sartzen zaizko karrika labur batzu. Behin, bietan, hiruetan, xixtez ikusten dugu itsasoa, aditzen ere ba hunen burrunba ilhun eztia; bertze hainbertze aldiz, alaitzen daukute bihotza etzatera doan iguzkiaren urrezko-iñarrek. Bozkario handi batek gainditzen gitu zazpiak. Gizon, emazte eta haur andana bat baitabiltza karrikan alde orotarat, itsasoaz den-gutien bat gozatzetik dukete segur hek ere beren zangarretako bizitasuna. Bainan zer uste-gabeko bihotz-ximikoa: karrikaren harateko burutik zonbait ehun metra egin orduko, etzaikuia bat-batean itzaltzen itsasoa! gogotik eta luzaz oraino, urrunsko danik bazen urrunsko danik, guziak beha egoitera ginoazkion Ameriketarako itsasoa! Haran batean sartuak gira orai; ezkerretarik, bizkar gorasko batek dauku estaltzen, ikusmenean izaitea hainbertze atsegin ginuken itsaso zabala. * * * Dagola bada gorderik! Xixtez baizik ez badugu ere ikusi, ikusi dugu; labur bazen ephea, laburregi, ikusi nahi ginuena ontsa dugu ikusi; bihotzak lagunduz. Ez gagozke ixilik. Elhasturi bat gaitza jauzi zaiku orori. Bazterrari ez dugu gehiago eskerrik. —Etzen samur itsasoa. Goxo-aldian zen. Haizerik ez, bero, uda mina, zertarik edo hartarik, jabal zagon. —Errazu uste duzula. Ditazken dirdira gaixtoak oro bazituen urak; guneka, berdaatsa eta lohia nausi. Bera igitzearekin —hemen ohantzetuz, haratxago bizkartuz zorrotz— orozbat zitzaizkon igitzen bere kolore likits guziak, eta batzutan nahasten. Badira andre batzu begi-niniko argia hola-holakoa dutenak; ez niri erran andre hek direla laialenak. —Zaude othoi ixilik. Iduri-ta gizon batzuek ez dituzten begi berak, andre gaixoak baino miletan maltzurragoak baitira gizon hek! —Eta gero, ohartu ziretea uhin heier? Ehun metratik ehun metrara, bizpahiru altxatzen ziren batean, kukurusta gora. Orroaz eta haguna burrustan zariola, bat-bedera xutitzen zen bertan pareta zabal baten idurirat, eta, erho bat bezala oldartua, zipoteka aitzinatzen leihorrari buruz. Beharrik jainkoaren eskuak zapatzen zun bere aikatze sorjesean! Laster, goitika izigarri batzuez barnetik hustuz zoan. Sabela ethentzen zitzaion, hausten gerruntze konkortua, mustupiltzen bere aurpegi oiesa, burbutzika zartatzen bere soin aberea. Azkenekotz, lehertzetik ahuldua, izurrak izurraren ondotik mehatua, hats-bizi, legartzaren gainerat hura bera zen milika txar batean ahospez hedatzen. Eta zarraizkion guziak berdin, bakotxa bere aldian. —Iguzkiaren perekak zituen hola ematzen uhinak; iguzkirik izan ez balitz... —Sinets nezazue: Kantauriako itsasoak xede on guti dakar berekin. Eremu osoak baditu ja iretsiak. Irets ez ditzazken erkaitzak berak, bere ur gaziaz zafratuz emeki-emeki gesaltzen ditu. Mendetik mendera Eskualerriari eremanak daizkon ahamenak! Luzara itho beharra du guzia. —Gu, hasteko, ez gitu egun atzemanen. —Hobe ginuken, gaua ereman baginu Zarauzen berean. Hain xuxen, bada hôtel bat hauta, legartzaari dagona. Itzul baginte? —Gau batentzat bakarrik, zendako? Bizpalau asterendako, nunbait hor. Gerla-aitzinean, Espainiako haundi-maundiek Zarauzrat udako jitea laket zuten; frantsesek ere ba, bainan jende bier-artekoa zen guziz, Frantziatik haratekoa. Bere itsas-hegia ttipisko izan gatik zabalerat, hirixka pollit bat da Zarauz, eta ikusgai hanitz baduena, ez balu ere Espainiako aberatsen ospa baizik erakusteko. * * * Otomobilaren barnean, ene lagunak hasiak ditut berriz itsasoaz mintzatzen. Sartzen niz, nihau ere, solasean: —Aditu zaituztet. Bi begiez behatu diozue orok itsasoari, bainan ez da zuetarik bat, ohartu denik zer ere baitzuen espantagarrienik eta hari. —Ezetz?! Zer zen bada ohartzaren mirakuluzko hura? —Odaiertzean, urrutirat, ezagun zen erresuma bat gaitza, nihun ikusten ez den bezalakoetarik. Ametsetarik baizik etzaiku halakorik agertzen. Etzen ametsetakoa bizkitartean hura; zinezkoa zen. Uraren gainetik goititzen zen, eta heltze zeruraino. Osoan hartuz, iduri zuen elhurrez egina. Bainan bazituen hiruzpalau mail bederen, bat bertzea baino zokorat sartuago, eta mail bakotxean ageri ziren han-hemenka itzalgune batzu, guti edo aski beltzak: erresuma hartako herriak edo hiriak, behar bada... Goien-goienean, nun ere baitzuen hunkitzen zeru urdina, erranen zinuten elhurra harro-harro zela metatua, meta bakotxari zatxikola kukula zuri, biribilean ozkatu bat. —Hauxe da atheraldi erhoa! Lanho tzar zurpail batzuek hola dauzute kaskoa berotzen zuri? —Lanhoak?! Nork daki lanhoak direnez? Eskua suan eman zinezake hedoiek bakarrik dutela egiten, dezaketela egin halako erresuma? Ori, nahuzu jakin ene barneko berri? Ene ustea da, ene siniestea, hari luzaz so egonik zirela noizbait abiatu itsasoz-itsaso gure arbasoak. Hauk bethi joanki, joanki bethi aitzinago, eta hura bethi haratago gibelatzen, bainan bethi bere tokian halere eta bethi berdin eder; egunetik egunera zoragarriago baizik ez, izaitekotz. Ez dakit behinere kausitu ahal ukan zuten gaizoek; dakitana da kausitu zutela bederen Ameriketako lurra. Etzen hau lillurazko erresuma bat, ala ba? —Zozoen lerrorat, alegia hori entzunik, nahi gintuzkezula gure oldez erortzen ikusi, aithorrazu bederen! Guk gure aldetik aithortuko dauzugu ez dela arras egiarik gabea zure alegia. —Alegia edo egia, ez du deus ederragorik Eskualerriari oldartzen den itsaso handiak, erran dauzuetan erresuma baino. Zagozkiote luzaz beha bertze aldi batez, Biarritzeko dakizuen hegibatetarik; gogo bereko izanen girela orduan, hitz dauzuet. Zernahi izan dadin, Mediterranea deitzen duten itsasoak holako erresumarik ez du bere uhartzean, hedoiezko erresumarik ez bertzerik. —Mediterranea ezagutzen dugu guk ere. Hura itsaso goxo, maitagarria! Lau dago eta naro bere hedadura guzian. Bere hedadura guzian, halaber, urdin-urdina da. —Urdin-urdina, ez; osoki laua ere, ez. Urak, bere aitzin-gibelka ezin geldituzkoan nun-nahi egiten daizkon izurren hegiak, erran zinezake zilar-biziz dituela. Zeruak aldiz bere urdina sotilago du itsaso haren gainetik, xixtez agertu zaikunarenetik baino. —Xuxen mintzo zira. Abantail horiek ez ditut ukatzen. Aithortuko dut Mediterranea osoki karana zaitala. Lehen ikus-aldian berean bildu ninduen. Ez dakit zendako maiteago dutan, halere, Ameriketarako itsasoa. Odolean dut hau; gogoratzeak berak harrotzen dauzkit zainak. Eta zuri, ameslaria, zer zaizu? —Ni, iduripen bereko ninzake, gazteago banintz. Oixtiko erresuma haren ondotik banindoakela suhar, ez ahal duzu dudarik? Zahartu bainiz, ez dakit ez nukenez orai maiteago Mediterranea. Leihorretik bizkitartean, bere ontasun eta lillura guzien gatik. Inguratzen duten lurrek dituzte hazi, jakintsuen arabera, gizonen artean izan diren gizonenak. Gutiak baziren ere, miresten ditut ziren gutiak. Egiaren ondotik erabili zituzten bada, hek, beren urratsak. Jainkoaren oldez, Legea amestu zuten, eraiki, jarri beren eta lagunen arteko. Hek daukute erakutsi, jakintzarako bidearekin batean, zuzenarena; hunen ondotik, eta datxikola, ederrerakoa. hekiei dugu zor, baitakigu zer den neurria. Erakaspena ez ginezoten ahantz nihoiz, itsasoaren hegi batean, mahain bat bezala ordokitzen den arkaitz gora baten gainean, utzi zaukuten beren deia eta beren manua, marbrezko tente batzuek alde orotarik hegatza jasaiten dioten tenplo baten itxuran. Urrundanik erran omen ginezake urso xuri bat, bethiereko han pausatua. Oixtiko ene erresumaren ordain, geldi bekit urso hura. XI BERTZE BIETAN AGERTZEN Gain-behera luze bezain ezti batek bageramatza xuxen bertze herri bildu-bildu, pollit batetarat. Embil aita seme pilotariak hemen direla bizi nik erran orduko, ihardesten dautet bertzeek: Orio! Bi oren lehenago iragan bagine, plazaratu zitzaizkikedan ene lagunak, ikusteko «joko garbiaren» aldezkari biak han othe zirenez. Aithor dut jarraiki nintzaikeela gogotik, beso zalu, xuxen, eta indar-neurri onekoa baitute bai aitak bai semeak. Badugu bertzalde zer ikus, gure bideari goazilarik. Ohartzen gira Bilbaoko olhentzat adailu bereziak egiten dituen fabrikari. Etzen segur hoin handi, gerlako lehen urthean. Aitzin-paretatik hitz larri batzuek iragartzen daukute, han moldatu adailuari sua ezin ditakela aiher. Ez balakite orok, guk bezala, ez dela adailurik su-gar biziskoarentzat guti edo aski minbera ez denik! Behinik behin, olhetako labeak berotuaren ariaz barnetik erreak eta janak izaiten ohi dira hiru ilhabeteren buruko. Azken gerlaren ondarrerat, lasterrago ere ez othe ziren kaskailtzen? Berri-berritarik egin batzu aldean badituzte beharrik ordaintzat, andeatu direneko. Horrela, lana bethi aitzina badoa, Bilbaon eta... Orion. Burdin-bide bat sartzen da delako fabrikaren barneraino. Aldeanbertze iragan orduko, agertzen zaiku Oria deitzen duten ibai polita. Apur bat zabaltzen da aipatu fabrikaren gibelean, hunek ukan ditzan, geiez bethetzeko nola etekinetarik husteko, bi errextasun: bat burdin-bidez, bertzea urez-ur. Erregebidea behar-orduko, hirugarren. Ederki. Ephe berean, arteka batetarik, ibaia ikusten dugu sartzen itsasorat. Gure loria itsasoaren begiztatzetik bigarren aldikotz, erran dugun bizkarrak Zarauzetik hunat gordetzen baitzaukun! Bainan, agertu orduko, egundaino bezala itzaltzen zaiku, egundainoko bizkar konkor luzeak gure sahetsaren parrez-par kukutua. Ikusi diogu haatik, nahiz doidoi, belazko untzixka bat, uhin gaxtoetarik landa eztiki zalantzatuz han-harat zoana, urrun. Guti bada guti, zonbat atsegin eman daukun guti horrek, nola adiaraz? Burrunban badoazkigu otoak mazela batean harat, bethi iparrerat buruz, Eskuinetarik, harana badarraikigu luzatuz, bainan zabaldu gabe hanbat, konkor berak erakusten dauzkigularik mendi-alde. Estaltzen den bezenbat du apaintzen belhar xehe batek. Sagardirik ez dugu bizkitartean ikusten. Adituaren adituz, uste ginuen Gipuzkoa sagar-ondoz landatua zela guzia! Ontsa nahi ginuke jakin nun egiten diren bada sagarno gozo, ezti, ahotik ezin-utzi hek, Normandiakoak heien aldean ez baitira pitar batzu baizik. Eskualde huntan, Gipuzkoako urgulu bakarra erregebidea ditake. Erdian bezain berdina da eta leuna bazterretan, sahetsetako arlaraino. Izerdiño bat badario bere azal beltzetik, iguzkiaren beroak jauzarazia. Nun holako biderik Frantzian? Zuhatzik ez du bizkitartean, doi itzal emaiten luketenik bidezkariaren gozagarritzat. Urrun othe gira bada oraino Donostiatik? Ez dut uste. Eta orhoitzeak berak atsegabezen nu. Garbiki erraiteko, ez dut maite Donostia. Aspaldiskoan, urthetik urthera ttipitu zait, ez bakarrik hiriarenzat naukan amodioa, bainan oraino tokiaren beraren alderakoa. Iduri zuen hunek ohantze bat lehen, laborantzako alhor bat, baratze bat kasik. Itsas-aldetik, dakizun bizkar konkor harek berak beiratzen zuen. Ez osoki, haatik; arteka batetarik uzten zuen itsaso-muttur bat sartzera alhorreraino, zabaltzera ere ba apur bat, eztiki. Arteka haren arditik xutitzen zen mendoi kazkar arkaizdun bat, iduriz itsasoaren oldarra hobeki hausteko oraino. Iuzpegi ala eguerdi alderat, lerdoin gorasko batzuek inguratzen zuten, mailez-mail bat bertzea baino larriago. Orai, baratze, alhor, pentze, iraztor, bazka-leku hek, dena etxe dira. Egoitzetako harri lantuek dituzte estali. Badela egoitza ederrik ez dut ukatuko, bainan arras gutiak dira begiarentzat bezala adimenduarentzat eder direnak. Geihenek badute eskas bat: arimakoa. Egileek beldurra dut etzakiten Olerkia zer den. Erosoan bizitzea, ba; ez, ordean, zeru-alde noizean behin gogoaren airatzea. Mediterranea etzuketen ezagutzen; Grezian gaindi etzitazken ibiliak nihoiz. Gaur den egunean, arruntago baizik ez da bilakatu jendea, han nola bertzetan. Metaka sartzen da atzerritarra. Aberasten duke tokia, bainan ez hobetzen. Aberastasuna ez da aski, gizonaren ontzeko. Ardurenean ez othe du apaltzen, bizizale zuhur eta geroago lehiatsuago batetik eginez gozazale iztil bat? * * * Herri handi eder bat aurkitzen dugu bidean: Usurbil. Eder eta handi bezain aberatsa izan behar da, bazter zabala du eskuin alderat. Ez gira baratzen. Uste baino urrunago kausiturik Donostia, gure otomobilen gidariek akulatzen dute zoinek gehiago bere zaldia. Aurkintze huntako laborantzak ez du bertzalde deus, so gagozkiokenik. Kilometra andanaño baten buruko, gure ezkerretarikako bizkarra goratzen da, mendixka bat egiterainokoan. Ohartzen niz hunen gainean eraikia den hôtel handiari. Begien aitzinean dugu geroztik Igueldo deitzen duten mendiñoa; helduak gira Gipuzkoako hiri-nausirat. Huna, zolan, hiriko karrikak; huna, ezkerretarik, itsasoak berriki ginion artekatik hiriraino sartzen duen muttur kamutsa. Itsasoa bera ez da zeiharka baizik ezagun, bere mutturraren erditsutan xutitzen zaion mendoiak erdi-gordetzen duelakotz, xuxenetik beha legokeonari. Huna oraino, gure eskuinetarik, lerdoin batzu dena jauregiz estaliak: hotarik ederrena lehen mailean, gorrats, luze, itzalpe batzuekin harateko aldetik: erregeren eta hunen familiaren udako egoitza. Tranbiek, otomobilen ugariak, oinkarien usuak, alde orotarik beharrietarat heltzen zaikun burunba bitxiak, hiriko zer guziek, hots, erne baino erneago ezartzen gituzte eta orozbat erabetzen. Gainera, soldadoz eta hirizainez ebroa etzaikuia atheratzen zoko guzietarik! Xuxen ibiltzeko duke hemen gizonak, nor-nahi izan dadin. Hiriaren erditsutako karrika-bazter baterat lekuratzen dira gure otoak. Berehala jausten gira, bainan ez oro xede bereko. Beransko izana gatik —zortziak eta laurden da— itsas-mainu baten hartzeko, ene lagunek nahi dute egin legartzarako itzuli bat bederen. Jende hanitz ikusiko dutela han, iduri zaie. Aithor dut biziki egun-argi dela oraino, nahiz iguzkia bere osoan itzalia ditaken. Bainan, ene lagunekin berekin bada ere, harat-hunat hortako gogorik ez dut. Akitua nizalako estakuruan, banago bakarrik. Izaitez, erabeak nauka legartzarat joaitetik. Goainditzen nu hango nagikeriak; ez dezaket jasan, itsasoari errara beha dagozin zonbaiten aberekeria. Zitzi eta mami, papo eta gibelalde ozar sobera dakusketalako izia larru-barneari datxit. Urrats zonbait egin banitza karrika-bazterrez... Ikus nitzazke eta adi eskualdun zonbait. Gelditzen da oraino hotarik multxo bat Donostian, atzerritarrek ezin ithoak. Ezagut-errexak dira begitartetik, mintzotik, ibileratik; lerden, ginarri eta zail, gogoz bezala mihiz osoki herrikoi, beren odol garbia ageri dute gizaseme hek. Bainan eriondo, uste baino akituago ere ba, nekez nabil; alki baten hunateko buruan jartzera banoa. Jende guti, karrikan. Hirizain bat urraska dabil, etxerat joaiteko tenorearen beha hura ere, naski. Jarririk nagon alkiaren harateko buruan ohartzen niz haatik badirela bi gizon, eskuaraz mintzo direnak. So banagote: poneta buruan, ontsasko emanak, Lapurdiko botiges batzu izan behar dira, edo amerikano ttipi zonbait. Alde orotarat derabiltzate begiak. Khexusko dirudite. Zeren aiduru othe dagozi? * * * Hor, karrikaren bertzaldetik, hurbiltzen zaizkote bi gizon. Eta, erdi eskuaraz, erdi erdaraz, hasten dira elgarrekin lauak: —Hôtela bethea zen. Zortzi egunez ez da egitekorik deus. Ondoko zortzian behar bada, izena aitzinetik emanez... —Hanbat gaixtoago. Luze doakegu hola, jaun haren ikustea. —Zer nahuzu, mediku handien mintzatzea ez da nahi delarik. Eta hunen heinekorik ez da orainokoan agertu nihun. Magnetismoan du bere segeretua. Eta nor da bertzerik, horrek bezala dakienik magnetismoa zer den? —Errazkizu direnak oro. ez derabil magnetismoa bakarrik. Elektrik orratz goritu batez sudur-barnea toki batean edo bietan erretzen. Han aldaskatzen den zain batetik doa gure osagarriko gora-behera guzia. Mediku horrek du atzemana zer hori. Ohartzea bazen zerbait; zainaren xuxen kausitzea, hori da, hori handi! Hain da trebe jarria lan hortan, non bi begiak hetsirik kausitzen baitu zaina. —Eta, segur, sendatzen dituela guziak? —Oro xoratuak doazi gibelerat. Munduko bazter guzietarik abiatua du trumilka jendea. Bakotxa bere aldian baizik ez dezake haatik ikus ez artha, naturalki. Loriatua nago ene alkiaren gainean, ene errangura guzietarik sudur-erretzerik gabe orai beretik sendatua, ni. Lanak ditut bizkitartean irria ezin atxikiz. Hogoi ta hamalau urthez gaztetu nute, aditu solasek. Duela hogoi ta hamalau urtheren ingurua, hola-hola Frantzian mediku jakintsu batek eri batzuei erretzen ohi zuen sudur-barnea. Zainik etzuen ikusten bizkitartean harek, eta ez du nehork egundaino ikusi, ez baititake ikus elektrikargiarekin ere. Oinhaze hanitz gabatzen zuen ara hortaz, bainan zonbait egunendako baizik ez. Berriz agertzen ziren gero, berdin samin. Sendatze labur horiek ere, emaztekiekin zituen ardurenik. Noizetik noizera, bertzalde, asthmatika batzuei ederki bakantzen zerauzten aldigaizteak; bakar batzu alderat sendaturik gelditu ere zirela, diote. Horiek ba, gehiagokorik ez haatik. Donostian, holetan, bertzela dabiltza gauzak eta gehiagokoak dira. Erran behar dut frantses medikuak haro guti erabili zuela aitzinetik, gutiegi segur. Oraiko mendeak haroa duke nahi. Ene lau gizonak, guziz bi jin-berriak, ez dira espantutik athertzen: —Aberastua da jadanik. Nork daki zonbat miliun badituen irabaziak? Jende beharrentzat urririk ari delarik bizkitartean, bainan jende beharrentzat bakarrik. —Izena eman, eta hôtelean sartzea, hôtelean egoitea dukezue hoberenik. Jan-edanak eta oheak onak dira. Eta aldiaren beha egon, bakotxa zuen ganberetan! Hanbat gaixtoago, aldia ebatsiz medikuaren aitzinerat agertzen denarentzat: bertze zortzi egunez berandua zaio, hari operazionea. Ikustekoak dira ene bi lapurtarrak: begiak handituak, ahoa xabal, bertze mundu batean dira oraikotz bizi. Deus handirik ez balin bazuten, elhe onek jada sendatu-hurran dituzte. Zinez eri balin baziren, hala ez iduri gatik, sendatzeko esperantzak arintzen derauete gaitza. Joanen dira segur hôtelerat. Nolako astea ez dute han iraganen, zain eta odol osasunerako segurtamenak egunetik egunera jabalduak! Sudur-barnea delako orratzak erre ondoan ez badira ontzen arras, hobekitu bederen direla usteko dute. Bizitzen badira luzaz eta zahartzen, zonbat aldiz ez dute errepikatuko beren ondokoer, gosta bazen gosta mediku haundi batek zituela salbatu behin Donostian! Eta medikuari berari zeren gatik ginuke aihertzeko? Zendako litzaizkioke lagunak bekaizti? Bizpahiru ilhabeteren buruko eroria izanen da, utzia bazterrerat, jendeak alda maitez labur baitu ezagutza. Anartean ahur-bethez aberats dadila beraz ahal badu, Donostiako sendalaria. Barkatua izanen zaio gogotik: dirua baino gehiago ez othe da, eta osagarria bera baino ere ez orobat, esperantzazko amets gozo, ederra? Ene alki-lagun gaizoekin banagoke aitzina gogotik, emeki-emeki hek bezain haur bilakatuz; gibelerat heldu zaizkit ordean, aztalez-aztal, legartzarakoak. Aurpegia hits dute, elhea bakan: ez omen dute ikusi nehor, ez deus, legartzan. banuen beldurra. Bigarren otomobilaren gidariak aithortzen dauku, bertzalde, berearen mekanikari hauteman daizkola, Donostiatik hurbiltzean, hats-bahidura batzu gogoetagarriak. Galtzen dut han berean ene barneko gozoa, egun guzian ukan dutan hoberena; xutitzen niz kezka saminetan. Bagoazi bi lagunak otoaren ganat. Ezagun du ba motorrak, nundik duen bere makurra, kasketarena ez badu; bainan ez dezokegu neholere xuxent, eta abiatzen gira berriz, nihoiz baino eztikiago aldi huntan, Jainkoaren menturalat. Ehun bat metretan ibai zabal, naro, polit bat, izaitez baino izenez maitagarriago oraino: Urumea. bainan zeren gatik umea? Zoazi zu... Zubi eder batetik harat bagoazkio gainez-gain. Norat doaken ibaia begiak luzatzearekin ezker, huna bigarren aldikotz agertzen zaikula, bainan agertzen eremu handian, itsasoa. Noizbait bederen gaitezin ase haren ederraz! Galdua du ordean, zorigaitzez, bere edertasunik handiena. Iguzkiak egiten zion, eta, iguzkiak zerua argitu arau, zeruak. Itzali baitzen iguzkia, eta ilhunduxe baita zerua, ur pulunpakari, gordin, hotz, burrunbatsu izigarri bat baizik ez da orai gure itsasoa. Graziarik ez du. Uhinik etzaio goititzen; talastatzen da; indarrak berak ez othe zaizkion ttipitu? Ez diogu eskerrik, ez delakotz gai. Beharrik laster gordetzen dauku «Monte Ulia» deitzen duten lerdoin gothorrak; huni daude ordainez estekan gure begi, bihotzak. Gau on zure ohantzean, Donostia! XII GAUAZ Ez gira bizkitartean oraino hiritik atheraiak. Nola luzatzen den ipar-alderat Donostia! Eta zonbat egoitza eder ez ditu hemen ere, eremu handian hedatuak! Gipuzkoako hiri-nausia ez ginuen uste hoinbertzetua zela azken urthe hotan. Atsegin dugu karrika-baztarren luzara argaltzen ikustetik. Banakatuz doazi etxeak. Bihi bat ez dugu haatik aurkitzen, eskualdun egoitza zahar edo zahar-berrikatuaren itxura duenik. Berriak dira guziak. Eta bizitegi bezenbat lantegi ez othe den, gaude: athe zabal gaitzak dituzte hanitzek, leihoak ugari —han-hemenka burdin-zirrituekin— eta teilatu gorriak zelaisko dira ixurkiz. Eskualde hau dukete industriaren lekutzat hautatua Donostiako ahaldunek. Renterian harat bagoazke, ohartu ere gabe Donostiatik zedarritzen duenez deusek herria. Bidea marratzen duten tranbiek bagauzkate luzaz, utzi dugun hirian-gaindi goazkelako ustean. Halaber, beren argiak nigarka pizturik, guri buruz artetan heldu diren beribil batzuek. Ez gira halere berehalakoan ohartzen gaua jina dugula gainerat, agorrilean egiten ohi den bezala ilhundu duela oren-erdi bat barne. Itzal batek orai lanbrotzen dauzkigu etxeak. Geroago nekezago ditugu berexten, multzoka aurkitzen ere baititugu bethi. Renteria bere aldian zoin luzea den! Ala bertze herri bat —Lezo—, ez othe zaion, gu ohartu gabetarik, hegalaz lotu? Zerua bera ilhun da, nahiz ez den lanhorik. Nun-nahi ari zaizko pizten izarrak, diamant ñimiño batzuen dirdirarekin. Ilhargirik ez da ezagun. Airea epel da, bainan izariz. Noizean behin gibelerat behatzen dugu, bigarren otoa mainguka bada mainguka badarraikunez. Gureganatzen da nolazpait, lasterra emekitzen dugunean bederen guk. Orduan bi oihu elgarri, eta berriz abiatzen gira zalu, hura bethi ta gibelago gu ganik, guhalako lotsaño batekin haren heltzeaz; airos halere guziak, etxerat gaur berean sartzeko esperantzarekin. Bitartean, otomilak usutuz doazi Donostirako. Beren argiak idekixako ere dituzte, oixtian baino. * * * Horra nun gure ondo-ondoan, ezkerretarik, agertzen zaikun ur-eremu handi bat, tokika dirdira hits bitxi batekin, alde orotarat igitzen dena ixil bezain eztiki. Intha zonbait? Aintzira bat? Pasajes, dauku erraiten beribilaren jabeak. Arimaz egia, bazenetz ere ez ginen bertzeak orhoit, hainbertze aldiz orok ikusia dugun itsas-beharri hura. Den bezala erraiteko, noiz ikusi izan ere dugu tenore hunekin eta agorril bethean? Beha gagozkio begiak zabaldurik. Halako latz bat emaiten dauku hastapenean. Gero, emeki-emeki jartzen gitzaizko, oharturik ipar-aldeko buruan argi-zirrinta batzu sartzen zaizkola gain-behera, zolaraino. Hiriño bat baita han, eliza ikusten dioguna, hango argiak dira ur-barnean ageri, igikor eta berdaats ura bezala. Ondo-ondoan, untzixka batzuen hagek hedatzen dute, uraren gainerat, bere bethekoa baino itzal luzeagoa bakotxak. Dardarika batek hartzen gitu: hiri hartako hilen gorputzak ez othe dira, zoko hartan pulunpaka dabiltzanak? Hainbertzenarekin, itsasoa sartzen den arteka agertzen zaiku. Hertsia da, guk uste baino luzeagoa ere; egundainoko lerdoin okilaren bi zatiek saheskatzen dute motzki. Itsasoa begi-ukaldi batez baizik ezin dezakegu bihotzera; aski ba, haatik, ohartzeko izarrek ja beren neurrian ordaindua diotela iguzkiaren itzaltzetik galdua zuen aurpegi zoragarria. Barneko opila abian lekutzen zaiku. Baginuen arintzearen beharra. Hiriñoaren parerat heltzearekin, gure alkietarik bihurtzen gira guziak, azken behako bat behar diogula eman itsas-aintzirari. Baginakiena agertzen zaiku, uste ez ginuelarik: harateko buruan, Donosti alderat, bigarren hiriño bat, hura ere uraren bazterrez-bazter jarria; sahetsean dugunaren araberarat urak egiten diona, hari ere, apur bat mirail; untzixka batzu bere ondoan ohatzen ohi dituena harek ere gauaz, etxe-multzoaren gerizan. Erditsuan aintzira ilhun dago; muthurretan aldiz, ez ilhunbe, ez argi. Lerdoin beltzak, bere urraduraren gatik, beiratzen du eta zaintzen. Hirixka biak, seaska batean haurño batzu bezala elgarri zangoz, eztiki lokhartzera deramatza itsasoaren orro ahulduak. Pasajes, arraintzari bihoztoien sor-lekua, ehintugun egun artio ontsa ezaguntzen. Orhoitzapenik meitena idukiren diagu hitaz, hobea oraino jakinen dugunean hire eskuarazko izen garbia. gaztelarren errabiak ahortzia othe, izen hau ere, ala hemengo umeek berek beren nagikeriaz galtzerat utzia? * * * Bide puxka batean aitzinatzen gira, bainan geroago nekezago: aurrez-aur, beren argi handiak piztuak, gainera bezala jiten zaizkigu lerroan otoak, eta firrindan sahetsetik iragaiten. Biarritz, Cap-Breton, Hossegor, itsas bazterreko hiru herri horietatik ditazke itzultzen Donostirat. Hiruek, guziz azkenak, ez dute nihoiz ukan hoinbertze ikusliar, alderdi hotarik. Hastapenean, otomobil ederren ikusteaz atsegin dugu, bainan laster akitzen gituzte: sobera dira! Eta gero, gertatzen zaiku bitxikeria hau: ez baitugu ikusten zerua, ez bidea, ez deus, otomobil handien argi hotz bortitzek lilluratzen gituztelakotz eta itsutzen. Ez gatzaizkete ohar, ondo-ondorat —zer ximixtan!— hurbildu zaizkigunean edo hegikatzen gaituztenean baizik. Bihurgune bat edo bietan apur bat iziturik, eskuin-alde lekuratzen gira, ahal bezain eskuin arroilarat eroriko bagira ere. Bare-karakoil batzu bilakatu dira gure karrosañoak; ilhunbe egiteko, hurriki bada hurriki aitzinatzea gatik nolazpait, horra nun gidariek hiltzera doazinen ohe-mahiko argi hitsa ezartzen dioten muthurrean, bi aldetarik! Gizagaixoak gu! Handienak ikusteko gintuen. Bat-batean agertzen zaizkigu, gizotsoak iduri, hiru begiekilako mamu beltz larri batzu, beren larru leuna dirdir. Eta zer lerroa! Batek bertzea hunkitzen dute, kasik. Erretzen dauzkigute begiak, erretzen dute bidea. Gu ohartu orduko iraganak, haize emaiten daukute begitarterar eta bihotza zarrastatzen. Industriako arranoak, bankoetako saiak, negozioko apalatzak, theatretako gau-ainharak, politikako miruak, zer aztaparrak dituzten orok, zer bekokia eta zer hegalak! Errabiazko khexu batek gaindi egiten duku. Ez dea bada hemen legerik, jaun eta andre haundi horien atxikitzeko neurrian? Nun dira poliza-gizonak? Hoinbertze argi zendako otoen muthurrean? Zerentzat, holako firurika erhoa? Soinka elgarri, lepoa bihurrian luze, iraina atheratzen zaiku zonbaiti aho-bethez. badakit gure artean menditar bat, odola gogorki asaldatu zaiona. Egiaz, gerla-denboran baitzen no man's land —gizonik ezin bizizko bazterra— gizontasunik gabeko lekua da Gipuzkoako bazter hau; eta araberako angles-hizkuntza baten gai litake, ikaran gabiltzan erregebidea. Eztitzen zaiku azkenean zirimola. Buztan, huna oraino oto batzu, bainan geroago argalagotuz doa lerroa; xumeago ere ba, bana-bertze, tresna bakotxaren mustra. Atseden ginezake, begiak goza ahal bagintza gauaren ederraz. Argitik ilhunbera, ilhunbetik argira baino lasterrago ez baitira ordean jartzen, guziz adin batean... Gogoeta nago, ez dituzkegula horren bareren gatik ere aski ontsa ikusi, ez Iruñako eliza-nausia, ez San Inazioren sor-etxeko kaperak. * * * Bide puska baten buruan, urrunerat, gorasko —mendixka baten kaskoan ez othe?— horra nun ikusten dutan etxe xuri osoki pollit baten iduriko zerbait; erraiten diot ene lagunari. —Ez duzu ezagutzen? San Martzialen kapera da. —Barkatu, ez nintzaion behinere ohartu egun bezala. Egiaren aithortzeko, batere ez nintzen orhoit, orai, nun ginen. Irunerat hurbiltzen ari gira beraz? —Ba, eta ez da goizegi. San Martzialek gogoratzen dauzkit, diot aitzina ene lagunari, Iruneko jaiak. Batere ez nakielarik urtheko jaien bezpera zutela Irundarrek, hirixka hortan baratu behar izan zitzaitan arats batez. Afal ondoan, hirugarren estaiko ganbera baten leihotik bazterrari so nindagon, ene zigarretaren kheaz ahogozo, eta gogoa han-harat goiti, lanhoetan barna, noiz ere karrikatik beharrietarat heltzen baitzait neurriz-gaineko burrunba bat. Behatzen dut beheiti. Minutan burburbur bethe zen jendez karrika guzia, eta, berehala xirula, klarinet, ttunttun, gitarra, atabal eta ez dakit oraino bertze zoin musikek harrotzen zituztelarik dantzako aireak, hamar bat mulko hasten dira fandangoetan, dantzari galtzadunek bertzalde kriskitinak beren ahur-barnetan joz. Jautsi nintzela zalu, hitz dauzut. Ez nuen oraino ene bizian ikusi halako alegrantziarik. Ez halako dantza begikorik ere; ez muthiko ala neskatxa gazte hain zaloin, hain lerden, hain zainhart, hain ginarririk. Zoin gehiago ari ziren, berex, noiz elgar-ganatzera, noiz elgarretarik urruntzera, bainan bethi arte berarekin hek bat bertzetik, nahiz bekoz-beko. Etzuten elgarri behatzen bizkitartean, baizik zangoetarat. Artetan, ingurukatzen ziren tokiaren gainean, bainan begiak argirikako zoradura batekin eta irriñoa ezpainetan. Piko bat etzuten galtzen: oinen, zoinaren, gogoaren beraren ibilera bizia mentzen zioten eta zaintzen neurtuz, musika-soinuak. Hau gelditzen zenean —ez luzatzat, atsedentzeko— izerdi onaren xukatzeko, baratzen ere ziren gazteak. Den gutieneko eraberik gabe, elhe emaiten zuten elgarri orduan. Bazituzten izen batzu, zoratzen ninduztenak: Leandro, Castor. Encarnita, Maria-Cruz, Leonardo, Asuncion, Juncal. Eta beren arteko solasak hain onak zituzten, hain garbiak eta goxoak, non zorion bethearenak baitzitazken. Berehala, gero, dantzak aikatzen zituen bere sail berrirat. Orduan nintzen ohartu lehen aldikotz, emaztekiaren baitan zintzotasuna eta grazia gaient ditazkela edertasunari berari; batek ala bertzeak bizkitartean, edertasun doi bat dutela eskatzen, lasterrenik gizonaren bihotzerako. —Aithor: dena pindar jarria zitzaikezun zuhauri bihotza? —Pindar eta gar ere, baditake; bainan erretzetik beiratu ninduten han berean aurkitu frantses adixkide batzuek. Orhoituko niz bethi, hetarik baten orduko atheraldiaz. Ikusi duzuna, zaundan erran maltzurki adixkide harek, jai guztietakoa da, Baionatik Bilbaoraino itsasoari hurbil banakatuak diren herri guzietan. Eskualduna hemen da, hemen bakarrik, osoki egiten. Hemen du agertzen bere lorea; hemen uzten bere azirik hoberena, bertze gizadien azi hautenak odoleratuz batzutan. Ontsa doake hartu-emana, azkar daudeno erroak mendi ta zelaietan. Kurkurkur gidaria ene sahetsean irriz, beribila sartzen zaiku Iruneko karrika handian. Nehor ez; elektrikargi guti; etxeak berak mutu. Udaletxeko plaza ere hutsa. Afariten ari ditazke Irundarrak. Gain-behera xut luzesko baten zolan gelditzen gira zankez. Apalgune hau ilhun-beltz legoke, berrogoi ta hamar bat otomobilek, lerroan eta geldi, bide-bazterretik ez balute legearen kontra beren argi handien dirdiraz ithotzen. Karabineroekin badukete bizkitartean behingo lan. Guardekin gureek, agian ez! Behobiako mugan gira bada, batzu Espainiarat buruz, bertzeak Frantziarat. Bi minuta gabe itzulia dut bere alkirat ene laguna, paperak sakelan sartuz diolarik: «prest gira. Aspaldiko adixkidea dut guarden aitzindaria». Holako adixkideak ez dira guti, tenore huntan guziz. * * * Bidasoa bazenetz ere ez niz orhoitu: ez girea bethi Eskualerri-barnean? Hargatik, mugaz hunaindiratu bezain laster, gozatu zaitala eta berritu zainetako bizia, hori ba. Jabalago barnea, hatsa hobeki hartzen dut. Bihotz-bihotzez eskualdun izan gatik, garaitiko nizan guzia frantsesa duketalakotz ez othe? Adimenduz eta buruz uste baino ere maiteago ez othe dugun guziek Frantzia? Menditik bulharretarat heldu zaikun aire sendoari hautemaiten diot, Frantzia guzitik harekin nahastekatzera jina, halako hazkurri arin, haztarik gabeko zer bat, osagarrizkoa hargatik, odoleratzeko gure lehenbiziko arbasoek etzuketena. Ezkerretarik, ezponda gora luze batek ilhunbe egiten dauku; eskuin-alde, gurekin ipartzen da, luzatuz, haran zabalsko bat, sahetseko mendien itzalak eta izarretarikako argi xuriak, elgarren batuz, ametsetarik bezala eztiki daukutena agertzen. Ez dugu berorik, ez hotzik. urdinaren urdinaz beltza litake zerua, diamantezko joi dirdiratsuek orai ez baliote, ugari, hedadura guzian apaintzen bere kapa handia. Urruñako hegal bat dugu hau. Eskualerriko gizenena, dut aditzen bazterretik. urruñako herria bera puska batez haratago dugu. Karrikan sartzearekin, ez gitzaizko ohartzen baizik, erdi-ilhunbeak hits daukalakotz. Gure hiru andreak, otoaren gibel-alkietan ixil-ixila dagozi Renteriako izialduratik hunat. Gogoetatzen gitu ixiltasun horrek, bainan ez ohartuarena egiten dugu, lo ditazkelakoan orobat. Noiztenka hurrantzen bezala zaiku, halako behaztopa bitxi batzuekin, bigarren otoa. Bertze bizpahiru baizik ez ditugu ikusten, mug'alde zoazinak, hek. Arimarik ez da ezagun. Zonbait ehun metraren buruko, ezkerretarik, elektrikargiak usu, etxe-multzo bat, untzixka andana bat dena haga eta bela, eta gero itsasoaren espalda bat, leihorrari sartua; itsasoa bera, frango urrun ezagun, osoki eztitua orai eta baketiar. Doniane-Lohitzune! Gure loria! Plaza huts, dena bizitegi pollitez inguratu batean gira baratzen, eta jausten zoin-lehenka. Bederatziak eta erdia, elizako ezkilatik. Berehala huna nun giren, zazpiak, jateko-sala baten mahain ttipi batzuen inguruan ukondoz-ukondo jarriak, behar dugula afaldu. Bainan, geure baitarik, bi andanetan jarri gira, nahiz oro elgarrekin eta berdin adixkide: afari eder baten alde hiru, ezin alegerago hiruak, bertze lauak aldiz, hits, mintzoa bakan, bederea gathelu-esne aski dugula dute xorta batekin. Ikustekoak dira, handik laster, gure hiru amikatuak; bi gizonek eta andretarik gaztenak birazka baderamatzate ahamenak ahamenen ondotik, irriz artetan eta ez dakit nungo zerez —egungoez hitz bat ere gabe!— elgarri emaiten dutela solas. Bertze lauek lanak ditugu ixilik ere, kuller ttipia eskuan. Ene sahetsean nola aitzinean betondoak ubel ditut ikusten, mathelak sartuak, kalipua ttipi. Nihau gogorki unhatua niz, ebaindua kasik, eta bizkitartean goizean bezain arin dut gogoa, goizean bezain on omorea; liburu baten egitekoa bainuke egungo goiti-beheitiez, gaur berean izkiriatzen hasten banintz? Jateko-sala ezin argiago dugu, bere marbre xuriekin; bainan gu zazpiez bertzerik ez da nehor, muthiko gazte bat baizik; hau, afalondo, oherat joaiteko tenorearen beha dagoke, burua gibelerat aldi bakotx uzkailirik bere zigarretako khea soailurat ufatuz. Ez dira ere ixtorio gose, ene mahain-lagun maiteak. Geroago bakanago emaiten dautet elhe. Bitartean, ni, ororen gidaria, ene kontzientzia azterzearekin ohartzen niz zoin erho izan naizen eta izan giren oro, egun. Urriki handi batekin, eta huts beretan berriz ez erortzeko xedearekin, egiten diotet aithormena. Ez, hiru egun oso ez litazke sobera holako bide luzearen egiteko: lehenbizikoa Iruñakotzat, gaua Tolosan eremaitekotan; bigarrena Loiolako, goiz eta aratsalde; hirugarrena, itsas-bazterraz xeheki gozaturik, etxerat itzultzeko, ilhundirian. Emeki zabiltzan gure arbasoak, emeki, makila eskuan; neurriz egiten zuten bide, beihalako Greziatarrek; bere buru onarekin, asti osoaren hartzen bazakien Broussain mediku eskualzaleak. Gu haur batzu izan gira. Zonbat goxoago ere ez litazke holako harat-hunatak, mendiez haraindiko gure haurride zonbaitekin egiten baginu ezagutza, hek ordainez gure ikustera ethortzekotan noizean-behin. Bainan xutitzen zaizkit ene sei adizaleak, batzu afaldurik, bertzeak aire galdez. Barnetik landa, o zoin ilhun den kanpoan! Urrats ñimiñoka, galtzarpetik laguntzen ditugu alditxartzera doazinak. Laguntza ttipia ordean: xutik ezin egonez, etxe-pareta bati eskuz, besoz eta buruz lotzen dira gaixoak. Pekatzeko ziren nolazpait egungo erhokeriak; bainan, nork du zinez hoben? Ahalgetzen nu orhoitzeak berak. Ama maitea, zoin hiski behar ditugun ereman etxerako azken orenak! Ixilik bederen egon banindadi! Bainan ez. Holako aldartean Pelo eiherazainak ere etzuken athera segur, mintzo gogor batekin adiarazten dutan solas hau: Beharrik ez baituzue gogoan atxiki, Orreagako laborari tetele harek erakutsia! Nun gintazke orai, zuek eta gu, Burgoz-alderat egin ukan baginu bide? Hain barna zuten sartua behin, dohakabeek, Burgozerat joaitea! Hor, heldu zaiku ondorat, bere mekanikari —ikusteko— harro-aldi emanik, bigarren otoaren jabea. «Geroago marhantago doakit ene beribila, dio ezpainak daldaratuz. Badut beldurra ilhargi-izar-xuritara dukegun etzatea orok, gaur, kanpo zabalean». Zer medikuak, hura eta ni, eri batzuen aitzineko! Beharrik han dugu, bertzelako gizona. Ez du burua galdu, harek. Aitzindari batek bezala manatzen du, aita-familiako batek bezala kontsolatzen: —Lehenik doala oto erlastua, bortz ehun metraren artearekin gutarik. Makur zerbait gertzatzen bazaio, laster ondoratuak gituzke horrela, eskukaldi baten beharretan balitz ere. Gurea, aldiz, gibeletik ibiliko da biziki emeki hastapenean, leihoak oro zabal idekirik. Nahasi denean barnea, ez da deus kanpoko aire handia bezalakorik, pirkoiltzeko. Erran eta egin. Eriak kokatzen ditugu ahal bezain polliki. Beribil eria, hatsa itsuzki labur, bere senar-emazte gazte sendoekin aitzinatzera uzten dugu, gure bixtatik itzali artio. Gure aldi, gero: bidearen erdi-erditik gu, eztiki, leunki, inharroste den gutienik izan ez dadin. Abiatzean, «anbulantzetako» karrosa bat dirudi gure beribilak, nahiz puska batez ttipiago. * * * Gidaria ez da grinarik gabe. Begitik ageri du; are gehiago, bi eskuak ingurukatuz deraman lan minberatik. Ohe batean bezala geramatza. Berrehun bat metraren buruko, horra nun bi mintzo mehe idorrek akulatzen gituzten gibeletik: «Bazoazkete, ba gero zaluxago! Pasatu zaiku». Solas goxoa! Atsegin dut, daut erraiten irriz ene lagunak, ez dira oraino hilak. Gogoa arindua, bazterrari so nago. Zerua bethi ilhun da, bainan izarrak argiago baizik ez. Noiz-nahi, bizkitartean, klixkatzen zaiote beren ñirñira: zerbait gaizkiri ohartzen othe diren Lapurdiko xoko huntan, ala pindarrak biziago zaizkoten jauzten beren baitarik, ala urrikari othe gituzten gure aldarte txarrean! Arimarik ez dugu aurkitzen; ez otomobilik, ez orgarik, ez abereik ere. Hegaztinak berak ixil daude beren ohantzetan. Osto bat ez da, igitzen denik. Zeruko izarrez bertze zer guziek iduri lukete, bakotxak bere moldean, oraiko itxura geldiari bethiereko menduak. Bada hargatik doi aire; alhorretan gaindi bildu usain on beregizko bat hautemaiten diogu. Larrun-mendiari ez gira xixtez baizik ohartzen. Azkaingo herria ere, eskuara-mintzazale garbienen herria, gordetzen zaiku ber haran gixenean, bizpalu etxaldeez garaitiko guzia. Eta bihurtzen gira Senpereat buruz. Zelaia hertsisko dugu behin, ezpondak itzal egiten baitauku ere ezker aldetik. Etxe-andanaño baten artetik iragan-eta, agertzen zaiku bizkitartean askitto laster, urrunerat bixkar biribil apal batzuek hesten duten zelai handia. Handi bezain ederra da. Alha bide dira hemen gozoki landareak, edozoin izan diten, agorrileko gauetan ere: buru-gaina estalten diote, doidoi ezagun den sapazko langarño batek. Bainan zer ixiltasuna! Zer bakea, hedadura guzian! Zaldia apur bat ernatu baitzaiku, ez gaude luzaz herrirat heldu gabe. Etxe-lerro beltz bat ikusten dugu lehenik, trebes gure aitzinean, eskuin-alde. Etxeak baino goragoko arbola batzuek belzten dute gehiago oraino, beren itzalaz. Karrikan sartzean, elektrikargi gorrats ehul batzu, direnak ere arras bakan. Karrika bera ilhunsko, arima bat gabe. Elizaren ondo-ondoko etxe batean, argiño bat haatik. —Ertora ditake izkiriatzen ari, diot ene koinatari. —Ez, gibelxago utzi dugu karrikan ertor-etxea, bertze aldetik. Behatu diot; argirik etzuen, harek. —Argirik ez bazen ere ageri, segur niz izkiriatzen ari zela, Barbier, eskuarazko bertze liburu zonbaiten egitekotan. Langile gaitza da. Irakurtu duzu Piarres? —Hemen dago ertor Barbier? Uste nuen Doniane-Garaziko ertora zela... Piarres irakurtua dut ba; liburu polit batzu dira, eskuara errex eta garbiz. —Hala zaizkit nihauri ere. Badute liburu biek halako goxotasun bat, bihotzetik ezin utzizkoa, lehengo Galileatar jende onari baizik aurkitu izan omen ez dena nihoiz. Goxotasun hartarik kotsua hedatu zen bizkitartean orotarat, oixtian ginion Mediterranean berean gaindi; sartu ere ba ausarkiñoan Eskualerrirat, Senperen behar bada gehienik. Bainan hau duzu guziz miresgarria: Eskualduner beren jaidura hoberenak ez baitzaiezten den gutienik ahuldu; azkartu ba, izaitekotz. Bigarren liburuak, gerlako zerez baita egina, erakusten dauku aski garbiki: etsai izigarriarekilako gudu beltzean, ez bide da izan gure herritarrak bezalakorik zango-besoz, begiz, hatsaz, asmuaz, beldurrik gabeko gemen iraunkorraz. Alta, liburu beraren arabera, emazteen eskukaldia eta burua etziren ttipiagoak izan, dela etxaldearen erabiltzeko, dela haurren hazteko, dela senar urrundaren elhe onez eta goxokeria zerbaitez laguntzeko, dela zaharren eta erien arthatzeko, dela hilen alderako eginbidetan. Hortik Eskualdunek Piarresi egin dioten esker berezia. Badirauke luzaz gutartean Barbier apez khartsuaren orhoitzapenak. —Bertze gerlarik ez baledi gerta, ba. —Bertze gerlarik? —Ba, bertze gerlarik gerta ez baledi. Jendea ez duzu ikusten sekula baino aztapar-zorrotzago eta tzarrago bilakatua berriz? —Izan bedi nahi duena. Eskualdun umeentzat irakurgei ederrak gelditzen dira Barbier apezaren liburuak. —Hori ba, eta handitzen abiatu direneko, ene semeek irakurtuko dituzte biak. —Halaber, agian, bertze hanitzek. Barbier mendiez alde huntarik, eta bertzetik Domingo Agirre, Zumaiako idazle bikaina, gure gazteen erakasle on izan bedite. Lur huntako gudu oies eta zirtzilak ez ditu, ondoan, lotsatuko hainbertze. * * * Solas eta solas bagoazi holaxe bide-puska batean, baginoazken ere solas beretan luzaz , basa-lapin sasitik brixt athera batek ez balu bere xoxoan trebetsatzera egin. Otoa gainerat jitenarekin, beharrik sasi bererat itzultzen zaiku berdin laster, aldi huntan begi eta beharri handien orde ipurdi xuria erakutsiz. Bainan aitzinerat behatzearekin berriz, zer dugu hantxeko patar luzesko haren bihurgunean? Hau mamu beltz, larria! Eta zoin bitxiki dabilan! Aitzinerat batzutan, artetan guti edo aski gibelerat ere ba; noiz astoaren urratsean, noiz mandoaren takatakan; azkenik, arnasa ilhun batekin, behor español baten lauazka pisuan. —Etzira ohartzen zer den? —Ni ez, batere. —Gurekilako otoa da. Gaur ez dela etxeraino heltzen, lepoa. Gu bien irriak! Karitatez, bizkitartean, lasterka bagoazi neketan denaren atzemaitera. Badiagu hoberik! Gu bihurgunerat heldu orduko, hura, haizea bezala, firrindan harateko aldapa eztiari beheiti. Jabeak leihotik irrintzina-zinkaño bat ez daukuia ere igortzen? —Baia baa! dut aditzen norbaiti hortzen artetik, eta zango-punta ikusten diot geroago zapanago apaltzen. Karraskan bagoazi orai, gu ere. —Emeki, bada! Emeki, othoi! Zer dira manera hok! Goxa giten orai bedereen ittan bat! Holako aroarekin! Aholku saminak, horiek: aire handiak sendatu baitzituen, gure andreenak. Hurritzen da berehala motorraren jokada. Bidea ilhunduz doakigu bertzalde. Ilhuntzen ere zaiku itsuski, Zuraideko herri bilduaren parrean. Elektrikargiaren eskasean, etxe-argirik ere ez delakotz ageri, diren baino handiago xutitzen zaizkigu beren bixkarretik aliza eta hunen inguruko bizitegiak. Nork lakike ere zendako diren beltz izar-dirdiraren azpian, egunaz xuriak direlarik? Beren itzalaz estaltzen gituzte. Zoin mokorrak gauazko bidezkariarentzat! Ez gira hemen nehor jostagura. Lazten gitu, ororen gainera, bazterraren ixiltasunak. Bretainiako xoko batzuez orhoitarazten gitu. Bizkitartean, niri hurbil, bertze gogoeta batzu izan behar dira; ez iduri gatik, zalu doa beribila, harrabots gutirekin. —Bere bi zintzur meharretarik batean bazuken kokatua porroska zerbait, daut noizbait salhatzen gidariak. Patarreko indarka hetan zaioke libratu. Zalu bada zalu, neurrian doa halere gure beribila, etxekandere gaztea bere alkitik samur dakion beldurrez. Nor jarraiki, bertzalde, zintzurra bat-batean ideki zaion odoleko zamariari? Ezpeleta. Elektrikaz argitua, dena. Athe-leihoak oro hetsiak, bainan nola ez margoztatuak oro, paretetako xurien artetik! Karrikak zilarra bezain garbi. Arima bizirik ez karriketan. Ixiltasuna bera nolazpait mintzo, bizkitartean, dabilanaren bihotzari. Besta bat, hots, guziz gure begientzat. Handik harat Canboraino, bidea berdin ixil, bazterra berdin geldi, zerua berdin eder. Zakur-sainga bat ere ez nihundik. Jende ala abere, oro lo ditazke, indarrak biharamuneko berritzen daieztela loak! Oi, laborariaren bake eta zuhurtzia! Canbo bere aldian loak hartzera deramake, hamekak eta erdia baita. Ez dugu ikusten nehor, aditzen ere ez deus, tipust-tapastean Urtsu-mendi zolatik tuta-soinu ozen bat baizik: bertzearena. Zirurikarik saminenean baderamagu guk ere azken patarra gaineraino; bainan, aitzindua aitzindu, bertze otoa ari da oraikotz bere tegirat sartzen. Elgarretaratzen gira laster etxe-aitzinerat. Atheko elektrikargi maiteak, intzaurrondoak, baratzeak, orok ongi-ethorri, eta gu oro ixil, zer erran ez jakin! Tente, begiak ñirñir eta ezpainetan irriño batekin beha dagokigu bertzeer, lehenik heldu izan dena. Ondotik jinen gidariak orduan, azpiz doakon trufañoari ohartzen ez balitz bezala, eta berdin irriz: —Itzuli ederra, egungoa: 357 kilometra inguratu ditugu, bat gutiago ez. Bainan nori esker? Doietarik egin du ez baitzarete Orreagan gelditu, zuen harri famatuaren ondotik. Beharrik han baitzen dakizuen laboraria, eta serio heldu bainautzuen haren solas maltzurra. —Zer zen, gezurra? diote egiten, harrituak iduri, lau andreek batean. —Dudan zaudete? Segurki, gezurra baitzen, ez ttipia. Ba eta zuek orok sinetsi!!! Jainko Maitea! —Ba eta zu Jainkoak punitu! Zuk Iruñan muntra galdu! Merexi! Merexi! —Han da han, bere tokian, ez Burgozen, delako harria. Harendako bakarrik, bertze aldiz batez eremanen zaituztet. Eta, gogotikago oraino irriz, badoa ene lagun gidaria bere etxeko athearen idekitzera. Aitzintzea behartzen zaio haatik barnerat, hiruzpalau ukomilo ttipik atabalatzen baitiote bizkar zabala, erasiaño hunekin: —Zu! Zu! Zu!
booktegi.eus Julene Azpeitia lehiaketa Bilduma honetan dauden ipuinak Durangoko Julene Azpeitia lehiaketak sarituak dira. Ilustrazioak: Imanol Larrinaga Harri handiko hondartza IPUINAK AURKIBIDEA Ordu batzuetatik diruz josia 6 Natalia Campo Dominguez 6 Bota bidaiaria 9 Ane Aizpurua Azurmendi 9 Kamiseta magikoa 14 Nerea Aizpurua Iglesias 14 Gaztelugatxe inguruko lepoko ezkutua 18 Ainhoa Ardanza Cuevas 18 Harri handiko hondartza 21 Irati Areitioaurtena Oiartzun 21 Auzokoa oso arraroa da 25 Irene Corcuera 25 Yang-Lin ume itsua 28 Ainhoa Diez Sanz 28 Nire lagun berezia 32 Aitor Elorriaga Azpeitia 32 Ilargitik heldutako laguna 36 Iraia Gallastegi 36 Txakur bat New York-en 40 Saioa Gorroño Belar 40 Hiru lagun film baten barrena 44 Leire Gorroño Albizu 44 Telebistan barrena 58 Irantzu Lauzirika 58 Izar urdina 62 Paula Motrico San Emeterio 62 Jonek begiak zabaldu zituen 67 Maria Oyarzabal 67 Gaztelu madarikatua 70 Jon Seoane 70 Latoizko Autoa 74 Milia Zabala 74 Ordu batzuetatik diruz josia Natalia Campo Dominguez - Zerbait behar duzu andereño? - Bai, ekarridazu limonada bat mesedez. - Oraintxe bertan, zenbat izotz botako dizkizut? - Birekin nahikoa dut, ah! Eta ez ahaztu bi edo hiru “pajita” ekartzea azkarrago amaitzeko. - Bai, Larraitz andereño. Limonada edan, bikinia jantzi eta ura bero edo hotza egongo zen pentsatu barik, igerilekura egin zuen salto. Ura ez zegoen ez bero ez hotz, baina oso ondo egoten zen hantxe barruan. Larraitz ez zen denbora askorik igeriketan ibili, presaka baitzebilen, festa batera joan behar zuelako. Azkar batean, bere logela handira sartu eta armairuan zeukan traje politena jantzi zuen. Trajea more kolorekoa zen eta bi lore zeuzkan, tirante bakoitzean bana. Kolore berdineko zapatak ere jantzi zituen. Geroxeago limusin batek bere ile-apaindegi pribatura eraman zuen, eta han, bere ile hori eta polita ondo orraztu eta gero, atzazalak margotu zizkioten, more kolorekoak ere. Hau guztia amaitu ondoren, limusinean igo eta aireporturantz abiatu zen. Han, hegazkina hartu eta Parisera joan zen, festa “Eiffel” dorreko jatetxean zelako. Oso gustura egon zen Larraitz festan, eta ekitaldiari amaiera emateko lehiaketa bat antolatu zuten. Lehiaketa hau, “festako politena” deitzen zen, eta nahi zuenak hartu zezakeen parte. Larraitzek, bi bider pentsatu barik, parte hartu zuen. Aurkezleak berriz, honela hitz egin zuen saria ematerakoan: - Lehiaketa honetako epaimahaiak erabakia hartu du: saria Larraitz andereñoari ematea. Zorionak!! ! - Eskerrik asko guztioi! –esan zuen Larraitzek, aurkezleak 500.000 pezeta eta urrezko iruditxo bat ematen zion bitartean. Baina, egia esan, hori Larraitzentzako ez zen ezer berak zeukanarekin konparatuz. Larraitz mantsio batean bizi zen. Etxetzar horretan bizkartzaina, etxezaina, neskamea eta zerbitzari asko zegoen Larraitz zaintzeko eta laguntzeko, gurasoak Ingalaterran zeuden bitartean. Ordenagailu eta telebisio pila bat zeukan etxean zehar, hamar limusin (telebisio, bideo, ordenagailu, kasseta eta guzti)... Mantsioaren lorategian 200 m2-tako igerileku bat jauzi-ohol eta txirristekin; etxe barruan 15 m2-tako zazpi bainugela jakuzzy eta guzti, eta Larraitzen logela 100 m2 zituen. Zoragarria, ezta? Larraitzek berriz hegazkina hartu eta etxera bueltatu zen oso nekaturik. Horregatik, dutxa bat hartu, pijama jantzi, ohean sartu eta atoan lo geratu zen. Hurrengo goizean, bere logelan gosaltzen zegoen bitartean, halako soinu bat entzun zuen: TIRRIIIIIIIIN!! ! - Zer ote da hori? –pentsatu zuen Larraitzek soinu hura birritan entzun ondoren. - Telefonoa balitz, jadanik, nire neskameren batek hartuko zuen. Eta atea bada? – galdetu zion bere buruari- ez eta ez, hala izango balitz ere, jadanik nire zerbitzariren batek zabalduko zuen... Larraitzek pentsatzen eta pentsatzen jarraitzen zuen, soinu hura aurrera zihoan bitartean: TIRRIIIIN!!! TIRRIIIIN!! ! Baina, bat batean, ahots bat entzun zuen: - Larraitz, esnatu zaitez maitea. Larraitzek begiak zabaldu eta ... nor ote zen hori? Larraitzen ondoan emakume dotore bat zegoen jesarrita. Emakume hori bere ama zen, eta logelatik arineketan zebilen neskatoa bere ahizpa txikia zen. Eta 100 m2-tako logela? Eta neskameak? Non zegoen gure Larraitz gizagaixoa? Guztia desagertu egin zen!! ! - Baina, zer da hau? Non nago? Nortzuk zarete? –deiadar egin zuen Larraitzek-. Egia esan, goizeko zortziak eta bost minutu ziren eta Larraitzek eskolara joan behar zuen. Etxean zegoen! Den dena bere imajinazioan gertatu zen, lotan zegoen bitartean. Berak ez zeukan halako mantsiorik ez antzerako ezer. Berak zeukana hori baino inportanteagoa zen: Imajinazio handia. Oso amets polita izan zen, amets zoragarri bat!! ! Bota bidaiaria Ane Aizpurua Azurmendi Kaixo, nik Kloti dut izena, bota ilun bat naiz, beltza edo horrelakoren bat. Nire takoiak, gutxi gora-behera, 5 edo 6 zentimetroko luzera du. Ni ez naiz sokekin lotzen den horietakoa, ez, ni kremailera batez ixten eta zabaltzen den horietakoa naiz (batzuetan kremailera kateatu egiten da eta jendea kexati jartzen da, baina berdin da! ). Nire zenbakia 42a izango da, ez dakit baina, bai horixe! Nire jabearen izena Igoa da, Venezuelan bizi da, Caracasen hain zuzen. Beno, baina ni Euskal Herrira etortzen denean erabiltzen nau (ni eta nire bikia, Klara, a zer harroputza zen! ). Klara eta ni, Kloti, beti geunden borrokan eta pena pixka bat ematen dit orain pentsatzerakoan ez dudala gehiago ikusiko. Pozik nago azken finean, A ZE BAKEA! PUFF..! Baina orain oso bakarrik sentitzen naiz. Aaaa!!! Ahaztuak nituen, Bip eta Bap eta, noski, Saturnino . Ea nortzuk diren Bip, Bap eta Saturnino? Ez al dakizue nortzuk diren? Beno ba, Bip eta Bap galtzerdi bikotea dira eta noski, biki guztiak bezala, beti ari dira borrokan, baina bihotz-bihotzean asko maite dute elkar. Elkarrekin eta besteekin ere oso maitagarriak dira. Negurako galtzerdiak dira, oso-oso beroak, kolore ilunekoak. Noski, baina biki guztiak bezala, Bap 4 minutu nagusiagoa da Bip baino (ni bezala, ni Klara baino 4 minutu eta 29 segundo nagusiagoa naiz, baina hori ez da ezer! ). Eta Saturnino, noski, buffa da, eztarriko horietakoa, urdin iluna da, oso leuna eta beroa. Ikusten duzuenez denak gara negukoak. Igoa neguan etorri zelako hona, Euskadira. Igoak bi ahizpa gazteago dauzka: 11 urteko Ane eta 5 urteko Malen. Hasieran Ane Saturnino erabiltzen hasi zen, baina gero utzi egin zuen. Gu lauron deskribapen psikologiko zuzenak hauek dira: ni abenturazalea, Bip eta Bap bihurri hiztunak eta Saturnino listo diplomatikoa. A ZE TALDEA.....!! ! Denetarik dago!! Aaa...noski!! Bap, Saturnino eta ni arrak gara, baina Bip emea da. Gure artean oso lagunak gara, baina Bip beti dabil hau esanez: “Goazen Venezuelara, Igoa ikusi nahi dut ...! Beti kexatzen eta kexatzen, a zer plasta pusketa! Hori esaten segi ez dezan Saturnino matematika gehiketak altuan egiten hasten da eta Bipek matematika gorroto duenez isildu egiten da eta isildu ezik, Bap kantari hasten da: “ Boga, boga marinela, joan behar degu urrutira, eeup!” Bi truku hauek beti funtzionatzen dute, Ja-ja-ja....! Noski, bera eme bakarra da, denon artean gazteena eta horrek eragin handia du. Lehen kaxoian eme guztiak elkartu eta kuxkuxean ibiltzen ziren, eta orain hiru arren artean... eme bakarra... beno, baina oso pozik dagoela dirudi. Gabonetatik gaur arte Ane eta Malenen etxean bizi izan gara. Gaur astelehen gauean, hamaika t ́erdiak inguruan, Venezuelara bueltatzea pentsatu dugu. Nola bueltatuko garen? Kontxo! gero esango duzue munduko izaki bizidunik inteligenteenak zaretela..! Ba, lehenengo eta behin Aneren motxilan sartuko gara eta Ane kotxera sartzen denean jaitsi egingo gara motxilatik. Gero, atea zabaltzean, irten eta, beti bezala, nik lan gogorrena egin beharko dut: saltoka joan, aaah...! Eta pentsatuko duzue beste hirurak nola helduko diren, ez da ? Ba, nire barruan! Gero bosgarren mailakoek txangoa dutenez, beraien autobusera sartuko gara. Ondoren, handik arrantzale itsasontzi batean Venezuelako kostetara helduko gara. Eta gero gerokoak! Beno, esan eta egin! Orain itsasontzira sartzen ari gara eta espero dugu ondo igarotzea bidai hau, hamaika egun luze direlako. Jadanik, zortzigarren egunean gaude eta ez dago inongo arazorik, baina gaur itsasontziaren goialdera joan behar gara arrantzaleak ohartu ez daitezen. Bagaude goian eta hara non ikusten dugun txalupa txiki bat, koralak ilegalki hartzen duen horietakoa, barruan “Kumana” deitzen den merkatari beltz batekin. - Salto egingo dugu! - Bip eta Bap, prest? - Bai, prest ! - Prest Saturnino? - Noski, prest ! Eta segituan salto egin dugu, Danba! Gizon beltzak zerbait sumatu du eta burua jiratzen hasi da, baina ez duenez ezer ere ikusi lasai-lasai jarraitu du. Hondartzara heltzean, beltzak txalupa harkaitzen artean ezkutatu, korala hartu eta joan egin da. Joan denean, gu txalupatik irten gara. Gaua denez harkaitz artean geratu gara lo egiten. Gau guztia lo seko igaro dugu. Goizeko zortzi t ́erdietan zaratak entzuten hasi gara, jendea hondartzara etorri da eta gu oso nekatuta gaudenez ez gara mugitu ere egin. Baina bat-batean hau entzun dugu: - Maite, Maite, ikusi... galtzerdi hauek... buf hau... eta bota hau nireak dira, Abadiñon utzi nituenak! A zer sorpresa! - esan zion Igoak bere izekoari. Eta orain oso pozik gaude enpotratuta, armairuan eta kaxoietan; Venezuelan, dena hasi zen tokian. Eta horixe izan da dena, lagunok. Kamiseta magikoa Nerea Aizpurua Iglesias Bazen behin mutil bat Santxo izena zuena. Mutil hau gizen samarra zen eta horregatik bere lagun guztiek barre egiten zioten. Santxo oso pertsona ona zen, baina bere lagunak ez zioten kasurik egiten. Honek pentsatzen zuen: “Nahiz eta gizena izan, ezin naiz pertsona on bat izan?” Gauero ohera sartzerakoan gauza bera galdetzen zion bere buruari eta gehienetan ezin izaten zuen lorik egin. Santxok ez zien kasurik egiten bere lagunei. Lagunek pentsatzen zuten ez ziotela minik egiten, baina bai, min handia egiten zioten nahiz eta Santxoren aurpegia aldatu ez. Jolastokira beti bakarrik irteten zen. Han ikusten zituen bere lagunak futbolean jolasten, saltoka eta algaraka, baina berak ez zuen jolasten bere lagunak barre egingo ziotela pentsatuz. Etxera bueltan, amak esan zion ganbarara joateko aitonaren erloju zaharra topatzera. Santxok zapatilak eta motxila kendu eta amak esan ziona egitera joan zen. Santxo erlojua bilatzen hasi zen. Han iraun zuen hamabost minutu gutxi gora behera. Eskailerak jaitsi baino lehen, han topatu zuen ispilu zahar baten ondoan kaxa arraro bat. Santxo hurbildu egin zen eta, kuriositateak jota, kaxa zabaldu zuen. Izara mordoen azpian kamiseta polit eta zahar bat aurkitu zuen. Harrituta geratu zen ez zuelako inor ikusi kamiseta horrekin jantzita. Orduan Santxok kamiseta lurrean utzi, aitonaren erlojua hartu eta eskailerak jaitsi zituen. Kamiseta bere gelan utzi zuen amari ezer esan gabe eta sukaldera bueltatu zen aitonaren erlojua amari emateko. Hurrengo egunean, Santxok kamiseta ipini zuen ikastolara joateko. Gosaltzera joan zenean amak esan zion: -Baina nora zoaz kamiseta zahar horrekin? Ez al duzu kamiseta berriagorik? Tira, jar ezazu beste kamiseta bat, txukunagoa eta hobeagoa. -Ongi da, ama -esan zuen. Santxo bere logelara joan zen eta kamiseta erantzi zuen, baina eskolako motxilan sartu zuen, kamiseta horrek alaiago sentiarazten zuelako. Eskolako bidean, Santxok kamiseta aldatu zuen. Gelan denok egiten zioten barre bere kamisetari, baina oraingoan ez zion batere minik egiten besteek esandakoak, eta berak pentsatzen zuen: “Ez da izango kamiseta magikoa?” Egunak aurrera zihoazen eta oso pozik zegoen Santxo. Berari oso arraroa iruditzen zitzaion. Kamiseta ipinita zeukanean oso pozik igarotzen zuen eguna, baina ez zeukanean jarrita, triste egoten zen. Egun hartan Santxo beti bezala bakarrik irten zen jolastokira, baina oraingoan ez zen sentitzen txarto, oraingoan oso ondo sentitzen zen, paisaia ikusten... Egunak, asteak eta hileak igaro ziren, baina aldaketa asko egon ziren Santxoren sentimenduetan. Kurtsoa bukatu zen eta lagun guztiak piszinara joan ziren ospatzera. Santxo bakar-bakarrik eseri zen urki baten oinetan eta han gelditu zen, bere amonak oparitutako liburu bat irakurtzen. Bat batean, bi mutil hurbildu ziren berarengana, beste gelako Patxi eta Peio, eta Patxik eta Peiok Santxori galdetu zioten: - Aizu, Santxo, etorriko al zara gurekin urezko globoekin jolastera? - Ni? Seguru niri galdetzen ari zaretela? Uste dut konfunditzen ari zaretela. - Ezagutzen al duzu beste mutilen bat piszina honetan Santxo izena duena? - Ez -esan zuen Santxok. - Ba guk ere ez. - Orduan, nor da mutil hori? -esan zuen Patxik. - Ni? -galdetu zuen Santxok. - Hori da, mutil, a zelako listoa zaren! -esan zuen Patxik. Hirurok barreka hasi ziren. - Orduan, bazatoz edo ez? Ea ba, anima zaitez, mutil -esan zuen Peiok. - Eeeee... baina ni oso lodi nago, ezin dut korrika egin, barre egingo didate eta... - Eta? Nire aitak esaten duen moduan, “Ande yo caliente y riase la gente” -esan zuen Peiok. - Ja, ja, ja -barre egin zuen Santxok. - Orduan, bai, ezta? - Bale! - Santxo, ken ezazu kamiseta, busti egingo zara-eta! - Bai! Santxo ez zen konturatu kamiseta magikoa kendu zuela eta beretzako hori zela alai sentiarazten zuena. Han ibili zen korrika eta bueltaka oso ondo pasatzen. Bat-batean bere gelako mutil harroputz bat bere ondora hurbildu zen eta esan zion: - A zelako ipurdi eta tripa galanta! Santxok pentsatu zuen kamiseta zuela, baina ez, ez zuen eta horrela erantzun zion: - Begiratu al zara ispiluan? Guapoago zaude ahoa itxita daukazunean. Mutila hori entzuterakoan korrika joan zen. - Ikusten duzue? Nire kamisetak magia dauka. - Ze kamiseta? -esan zuen Peiok. - Aiba!! Ez daukat kamisetarik! Nik! Nik bakarrik esan dut, kamisetaren laguntzarik gabe! - Bai, eta? -esan zuen Patxik. - Ezer ez, oso istorio luzea da, beste momentu batean kontatuko dizuet. Aupa! Aupa! Hortik aurrera, Santxok, bere kamisetaren laguntzarik gabe, lagun asko egin zituen, eta hauek aldatu egin zituzten Santxorekiko zituzten sentimenduak. Eta badakizue zer esaten zuten bere lagunek? - Ama, gaur beranduago bazkalduko dut. Orain herriko laborategira noa ideia bat izan dudalako eta hangoei aurkeztu nahi diedalako. “Santxo lodi dago, eta zer?” Gaztelugatxe inguruko lepoko ezkutua Ainhoa Ardanza Cuevas Gaur egun, Gaztelugatxeko harkaitz gainean eliza bat dago, baina orain dela urte asko ez zegoen han. Garai batean Gaztelugatxen harkaitz sinple bat besterik ez zegoen, eskailera eta elizarik gabe. Bertako jendeak ospakizun handietan haraino igeri egiten zuen, eta ondoren goraino eskalatzen zuten. Herritar haiek urte askoan zehar bizi ahal izan ziren inguru hartan. Baina joan ere egin behar izan zuten, bertara jende gehiago etorri zenean. Joan aurretik, ordea, zerbait ezkutatu zuten bertan, altxor bat. Urteak igaro ziren eta Mirari izeneko gazte batek kondaira honen berri jakin zuen. Bazekien altxor bat edo antzeko zerbait zegoela ezkutatuta. Mirarik entzuten zuen edozer gauza sinisten zuen, eta sinistuta zegoen zerbait baliotsua zegoela han. Honegatik bere lagun Amaiarekin batera harkaitzaren goialdera txangoa egin zuen goiz eguzkitsua batean. Mirarik eta Amaiak gogotsu ekin zioten bilaketari. Ez zeukaten altxorra non zegoen inongo arrastorik, ez zekiten altxorrik zegoenik ere, baina ilusioz beterik zeuden biak. Halako batean Amaiak Mirariri dei egin zion: - Mirari, Mirari! Hemen zerbait dago, harkaitz azpian! Mirari korrika azaldu zen Amaia zegoen tokira. Harri bat erdi jasota zeukan eta azpian kutxa txiki bat zegoen, oso txikia, harri azpian erdi lurperatua. Zabaldu eta bertan zegoen papertxo bat irakurtzen hasi zen: - «Behean, behean, ezkerreko aldean, arrainaren ahoan». Mirari saltoka hasi zen: - Hau zerbait da! Zerbait aurkitu dugu! Bi gazteei bihotzak salto egingo ziela ematen zuen. Orain paper honen laguntzaz zerbait aurkitzea baino ez zitzaien falta. Hurrengo egunean leku berean aurkitu ziren lagunak, bainujantzi eta urperatzeko gailu eta guzti. Amaiak asmatu zuen: altxorra behean egon behar bazen, urpean behar zuen egon. Salto batez murgildu ziren neskak. Orain harkaitz tartean zeuden. Amaiak keinu bat egin zion lagunari. Ezkerrerantz biratu zuten, paperak zioen bezala, baina ezkerraldean harriak besterik ez zeuden. Mirarik aurpegi tristea ipini zuen, baina berehala bi gazteek beste zulo bat ikusi ahal izan zuten. Barrura sartu ziren. Lurpeko kobazulo antzeko bat zen, urik gabe. Amaia eta Mirari zutik ipini ziren. Han barruan arnasa har zitekeen. Hura paperean agertzen zen arrainaren ahoa zen, zuloa. Eta hantxe aurkitu zuten gazteek altxorra, lepoko bat. Lepoko ederra zen, harribitxi askokoa. Baina bi lagunek ez zuten lepokora hurbiltzeko astirik izan. Kobazuloa ixten hasi zen, eta ura sartzen zuloetatik. Neskek ihes egitea lortu zuten, baina sekula ez ziren kobazuloa aurkitzeko gai izan. Harri handiko hondartza Irati Areitioaurtena Oiartzun Duela urte asko, nik aukeratutako hondartzak harri handiak zituen eta jendeari ez zitzaion gustatzen hara joatea. Hondartzaren ondoan bazegoen herri bat, Basitze izenekoa. Herri txikia zen eta mendi baten hegalean zegoen. Behean hondartza ikusten zen. Uda zen eta bero handia egiten zuen. Herri horretan bazegoen neska bat Alaitz izenekoa eta, goizero, hitz hauek aipatzen zituen hondartzarantz begira: - Oso gustura joango nintzateke hondartzara. Dagoen beroarekin oso ondo egongo nintzateke uretan, baina harri handi horiekin ezin da hurbildu ere egin. Hori esanez, ordu laurden bat geratzen zen hondartzari begira gogo biziz, bere etxeko leihotik, bere ama etortzen zen arte. Amak hauxe esaten zion: - Alaitz, gosaria prest dago! Zatoz gosaltzera bestela hoztu egingo zaizu. Hori esanda, sukaldean sartzen zen. Alaitz, bi minutu begira egon eta gosaltzera joaten zen. Goiz batean, hondartzarantz begira zegoela, ideia bat izan zuen. Amarengana joan eta hauxe esan zion: Hori esanez, bizikleta hartu eta laborategira abiatu zen. Iritsi zenean, atea jo eta gizon bat atera zitzaion. Ile zuria zuen eta kopetan lupa bat zeraman. Alkandora zuri-zuria zeraman oinetaraino iristen zitzaiona. Horrela hitz egin zuen: - Zer nahi duzu? Alaitzek erantzun zion: - Ideia bat bururatu zait hondartza politagoa jartzeko. Erloju bat egingo duzue. Baina areazkoa izan behar da eta 10 metro baino gehiago neurtu behar du. Gizonak esan zion: - Nahi baduzu egin dezakegu biharko. Bihar goizean etorri hona eta zuk esango diguzu non jarri. Hurrengo goizean Alaitz oso azkar jaiki zen. Bizikleta hartu eta laborategirantz abiatu zen. Iritsi ahala erlojua ikusi zuen eta hondartzan jartzeko esan zien. Erlojua kamioi batek eraman zuen eta berak esandako tokian jarri zuten. Herriko jendeak erlojua ikusi zuenean esan zuen: - Ikusten duzue erloju hori? Oso polita da ezta? Alaitzek ideia ederra izan du. Egunak pasa ziren eta erlojua oso ondo zebilen, baina herrian bazegoen mutil bat, gaiztakeriak egitea gustatzen zitzaiona, eta... - Aspertuta nago. Ez dakit zer egin, eta... erlojua apurtzen badut? Gaiztakeria itzela izango litzateke. Hori esanez, hondartzarantz joan eta erlojuari harriak botatzen hasi zen. Azkenean erlojua apurtu zuen eta are guztia hondartzara erori zen. Dena estali zuen eta harriak desagertu egin ziren, hondoratuta gelditu zirelako. Herriko jendea eta Alaitz, hori ikustean, oso pozik jarri ziren eta handik aurrera hondartzara joaten hasi ziren. Mutila hori egiteaz damutu egin zen herriaren gustukoa izan zelako, baina denborarekin ulertu zuen egin zuenak ondorio ona ekarri zuela eta handik aurrera ez zituela gaiztakeriak egingo. Alaitz goraipatu zuen ideia hori edu kitzeagatik. Hain zuzen ere erlojua hondartzan jartzeagatik. Orain hondartza horrek fama handia hartu du eta bere ondoan dagoen herria oso pozik dago. Auzokoa oso arraroa da Irene Corcuera Ni Mikel naiz, orain zazpi urte ditut baina ez nator hori kontatzera, txikitako gertaera bat kontatu behar dizuet: Bost urterekin Ondarroatik Donostiara bizitzera joan nintzen. Ordutik hona nire bizitzako beldurrik handiena auzoko gizona izan da. Hau da bere itxura: Burua golfeko pilota bezain burusoila du, azaleko kolorea txokolatea bezain iluna da, begiak belea bezain beltzak eta itsusiak dira, eskuak eta hankak etxe-orratzak bezain luzeak ditu. Sudurra eta belarriak oso txikiak ditu, hortzak handiak eta elurra bezain txuriak. Esku-azpiak oso txuriak dauzka, ezpainek eta ahoa postontzi bat dirudite. Janzkera oso desitxurosoa eramaten du. Gehienetan bakero apurtuak eta kamiseta ilunak eramaten ditu. Laranja, urdina, beixa eta txuri koloreko motxila handi bat eramaten du bizkar gainean. Eskuineko belarrian zirtzilu gorri, berde eta urdin kolorekoa darama. Egia esan inbidia nion, pentsatzen nuelako, azaleko kolorea, txokolate asko jaten zuelako zela. Hala ere, beldurra eta egonezina sortzen zidan. Motxilan ni bahitzeko edo jotzeko tresnak eramaten zituela pentsatzen nuen. Kalean ikusi eta ondotik, segituan alde egiten nuen. Egun batean, gurasoak berandu heldu ziren lanetik, auzoko gizona bakarrik nengoela konturatu eta sartzeko eskatu zidan, nik ez dakit nola, baina, beldurrez akabatuta, sartu egin nintzen. Bere etxera heldu ondoren, hau esan zidan: - Zer nahi duzu egitea? Jolastu, ala nik ipuinak kontatzea? Nik harrituta, ipuinak irakurtzea erantzun nion. - Nire izena, Yohonku da, Afrikan jaio nintzen. Eta zu, nola deitzen zara? - Ni Mikel -erantzun nion dardarka. - Apal horretan ikusten dituzun ipuinak, Afrikako aitonak oparitutakoak dira. Oso jakintsua zen eta berak sortarazi zidan irakurtzeko gogoa. Gaur egun nire denbora pasa gogokoena irakurtzea da. Motxila barruan ditudan liburuak egunero eramaten ditut liburutegira aldatzera. Orduan konturatu nintzen oker nenbilela nire auzokoarekin. Ordutik aurrera bera izan zen nire lagunik onena. Eskola bukatu ondoren, desiratzen nengoen bere ipuin zoragarriak entzuteko. Marrazkiak egiten ere irakatsi zidan, aitonak berari irakurtzen irakatsi zion bezala. Berarekin ikasi nuena hau da: pertsonak ez direla itxuragatik epaitu behar, ezagutzeko aukera eman behar diegula. Yang-Lin ume itsua Ainhoa Diez Sanz Yang-Lin, bost urteko mutil txinatarra zen. Txinatar askok bezala, Yang-Lin-ek ez zuen eskolara joateko aukerarik, bere familia behartsua zelako. Horrez gain, Yang-Lin- ek bera baino nagusiagoak ziren beste hiru anai-arreba zituen: Shuang-Fa, Xinen-U eta Xemin-Wai. Bera gazteena zenez, amarekin etxean geratu behar izaten zuen, anai-arrebak eskolan zeuden bitartean. Aitak berriz, etxetik kanpo egiten zuen lan familia aurrera eraman ahal izateko. Yang-Lin, edozein ume bezalakoa zen gauza batetan izan ezik: jaiotzetik itsua zen. Begietako gaixotasun ikaragarri bat zuen, horregatik, ez zeukan kalera irteteko aukerarik. Zuten diru gutxiaren alderik gehiena medikutan gastatu zuten, baina alferrik, denek erantzun bera baitzuten: - Sentitzen dut andrea, baina zure semeak medikuok ezagutzen ez dugun gaixotasun bat du. Barkatu baina nik ezin dut ezer egin. Beti erantzun bera entzunik, denak etxera bueltatzen ziren inoiz baino tristeago. Wan-Fun-en, Yang-lin bizi zen herrixkan, bazegoen iturri famatu bat: bertako ura, gardena, garbia eta fresko-freskoa zelako; baina benetan famatu kondaira batek egin zuen. Elezaharrak zioenez, norbaitek gaixotasunen bat edukiz gero, eta iturri hartatik edanez gero, gaixotasun hori desagertu egingo zen. Beno lehengora bueltatuz... Eguzkia jada, ezkutaketan jolasten hasi balitz bezala, gordetzeari ekin zion mendi garaien eta laino gorrien artean, beraz iluntzera zioan eta iluntzeaz batera, afaltzeko ordua zen: - Haurrak, afaltzera! -deitu zuen Yang-lin-en amak. - Bagoaz! -erantzun zuen Xineng-Li-k neba itsua besoetan hartzen zuelarik. Amak, zeukaten arroz apurra, denen artean banatzen hasi zen beretzat zatirik txikiena gordez. - Ama gose naiz! -kexatu zen anai-arrebetako bat bere afaria jan eta gero. - Sentitzen dut maitea baina daukagunarekin konformatu beharko zara. Eta gainera zure aitak gogor egiten du lan daukagun guztia lortzeko. Honez gain eskola oso garestia da guretzat eta ia ez zaigu dirurik geratzen arropa berria eta janaria erosteko. Eta orain denok ohera! Yang-Lin ohera sartu zuen amak eta asmatutako ipuin bat kontatzen hasi zitzaion (ez zuten-eta ipuinik erosteko dirurik): - Bazen behin bere gurasoen menpe bizi zen printze gazte eta dotore bat, oso alaia zen eta, batez ere, oso argia. Gaztelu handi eta eder batean bizi zen eta bertan ikasten zuen. Egun batean... - Ama isildu egin zen, semea lo seko zegoela ikusi baitzuen. Yang-Lin-ek amets zoragarriak izaten zituen: mundu guztia “ikusi” eta bidaiatzen zuela etab. Gau hartan Yang-Lin-en ametsa, betikoekin konparatuz, guztiz desberdina zen, bertan ahots leun eta eztiko neska zoragarri bat ikusi zuen -bere imaginazioan-. Zetazko kimono gorri bat zeukan, atzetik urre koloreko dragoi bat marraztua zuena. Kimono azpitik, baita ere, zetazko soineko urdin bat ikusi ahal izan zuen. Neska hura hitz egiten hasi zen lehen aipatutako ahots eztiaz: - Ayame-Fu nauzu, osasunaren jainkosa, eta zuri laguntzera natorkizu. Lurra planetan ditudan mezulariek zure egoera zein den jakinarazi didate eta amets honen bidez gauza bat esango dizut: Wang-Fun-en dagoen iturriaren elezaharrak egia dio, bertako ur gardenetik bi trago luze edan, begiak pixka bat igurtzi eta ikusmena berreskuratuko duzu. Baina gogoratu hau: esnatzen bazara ni desagertu egingo naiz, ni pertsonen ametsetan bizi bainaiz. Beraz, nirekin egon nahi baldin baduzu, ametsetan egon beharko duzu. Egizu esandako guztia. Zorte on! Eta agur! - Eta amets hura egia zela ikus zezan, buruan zeukan gantxo bat burukoan utzi zion. - Agur! Eta benetan, mila esker! - Erantzun zuen mutikoak. Hurrengo goizean Yang-Lin-ek ametsean gertatutako guztia goitik behera aztertu zuen gantxoa eskuetan zuelarik. Orduan amari galdetu zion: - Aizu amatxo, joan naiteke Shui-Low-ko iturrira? Mesedez... - Ongi da baina esaiozu Xemin-Wai-ri laguntzeko. - Xemin-Wai, Xemin-Wai! - Hots egin zuen Yang-Lin-ek - Amak esan du Shui-Low- ko iturrira laguntzeko, mesedez etor zaitez nirekin! ... - Zergatik joan behar ote dut nik beti? - Kexatu zen bestea. Ongi da, ongi da, joango naiz. Azkenean Yang-Lin eta bere anaia iturrira heldu ziren eta Yang-Lin-ek, osasunaren jainkosak esan bezala, bertatik bi trago luze edan eta begiak igurtzi zituen. Bat batean, bere bizitzan lehenengo aldiz, koloreak agertuz joan ziren eta eguzki izpiek min egin zioten begietan. Ikusi egin zuen! - Xemin-Wai, Xemin-Wai IKUSTEN DUT, IKUSTEN DUT. EGIA DA! - Zer da egia? -galdetu zuen anaiak. - Iturriaren elezaharrak zioena! Bertatik edanez gero, zenuen gaixotasuna desagertu egiten zela. Baina nola liteke? - Galdetu zuen Xemin-Wai-k. - Etxean kontatuko dizut. Azkena etxera heltzen ipurterre! -eta korrika batean alde egin zuten biek etxera! Nire lagun berezia Aitor Elorriaga Azpeitia Ni egunero noa klasera, larunbatetan eta igandetan izan. Ostegunetan futbolera noanean, animali denda batean, kokodrilo bat ikusten dut, bakar-bakarrik. Gurasoei galdetu diet ea erosteko permisurik dudan, baina... badakizu zer erantzun didaten? “Ondo portatzen ikasten duzunean, Luis, eta gero zuk aurrezten duzun diruarekin nahi baduzu erosi, baina baineran sartzeko modukoa izan dadila.” Ni ahal dudan ondoen portatzen ari naiz eta nire propinatik ez dut txikle bat ere erosten. Hilabete batzuk pasa dira kokodriloa erosi nahi nuenetik eta amak permisua eman dit erosteko. Dendara joan naiz erostera. Pisu handia zuenez, sobratu zaidan diruarekin taxi batean sartu naiz. Etxera heldu naizenean, baineran sartu dut ilusio handiarekin. Eskerrak bainera urez beteta zegoen! Kokodriloa bueltaka hasi da, baina ondo dagoela ematen du. Amak oraindik ez du ikusi. Ama, zuri, beltz, gorri, urdin, hori eta berde ipini da kokodriloa ikusi duenean. Ez du lorik egin gau osoan, eta aitari berdina gertatu zaio. Kokodriloa bakarrik egon ez dadin, ostegun guztietan futbolera eramango dudala pentsatu dut. Lehen, partidu guztiak galtzen genituen, baina kokodriloa ekipora sartu denetik, ez dugu bat ere galdu. Beti kokodriloari pasatzen diogu baloia eta beste ekipoko jokalariak kokodriloaren beldur dira. Kontrako ekipoan ausartzen den norbait badago, haginka egiten duela esaten diogu. Hori gezurra izan arren, eta ez badu sinesten, kokodriloari esaten diogu, kontrako ekipoko norbait hurbiltzen bazaio, mugimendu zakarrak egiteko eta horrela hauek beldurtu egiten dira. Egon da norbait, beldurrik eduki ez duena, baina kokodriloak hagin eta aho gogorrak dauzka eta ez du baloia ahotik ateratzen. Kokodriloak ez du korrika askorik egiten, baina apurka-apurka golak lortzen ditugu, azkenik partiduak irabaziz. Futboletik aparte, etxean askotan egoten da gustatzen ez zaidan janaria eta gurasoak konturatu gabe, kokodriloari ematen diot. Kokodriloarekin hilabete bat pasa eta gero, izena jarri behar diodala pentsatu dut. Gauean pentsakor ibili ondoren, Drilokoko jarriko diodala pentsatu dut eta halaxe izan da. Horrela bere izena askotan errepikatzen baduzu, kokodrilo ateratzen da. Gogoratzen dut lehen etxean janari asko soberan geratzen zela, baina orain ez da geratzen ezta ogi papur bat ere. Urte bete pasa dugu Drilokokorekin. Horregatik gaur, apirilak 8, ospakizun ttiki bat egin dugu, amak, aitak, nik eta noski gure ospakizuneko protagonistak: Drilokoko kokodriloak. Bi txuleta eta bozal bat oparitu dizkiogu gure etxeko animalia basatiari. Nire lehengusuari ez zaizkio kokodriloak gustatzen, baina gaur nire etxera etorri eta aurrez aurre ikusi duenean hain gauza harrigarriak egiten, berak ere bat nahi duela esan die gurasoei. Denok barrezka hasi gara. Ilargitik heldutako laguna Iraia Gallastegi Nire izena Joy da, baina nire lagunek Joy lodia deitzen didate. 11 urte ditut, baina inor ez da gogoratzen. Nire gurasoek 9 urte ditudala uste dute. Noski, bi urte nituenetik lau urtetara nire logelan eduki ninduten eta janaria arrebak ekarri behar izaten zidan. Orain 11 urterekin, janaria egin behar dut eta, noski, bokata handiak egiten ditut. Nire bizitza ondo zihoan, baina egun batean amona hil zen. Benetan penagarria. Nik egunak pasatu nituen logelan, baina azkenean amonak esan zidana gogoratu nuen: “Hor goian dagoen ilargira begiratu eta sentitzen duzuna esan. Gero bi egun itxaron eta ilargiko laguna bajatuko da”. Nik ez nuen sinestu, baina aproba egitea ez zitzaidan txarto etorriko. Gau horretan ez nuen lorik egin ilargiko laguna nor zen jakin nahi nuelako. Bi egun pasatu ziren eta bat batean armairutik zarata entzun zen. Beldur handia nuen, baina zabaltzea lortu nuen. Eta badakizue zer aurkitu nuen? Bai, ilargiko laguna zen. Amonak egia esan zuen eta nik ez nuen sinestu! Orain ilargiko lagunarekin pozik bizi naiz, hau da, Argitxorekin. Berak laguntza handia ematen dit eta argaltzen lagunduko dit. Egunero patinak hartu eta bueltatxo bat ematera joaten gara eta, egia esan, asko gustatzen zaigu. Lagun onak gara eta bere etxea bisitatzera eraman nau. Bere etxea ikusgarria da. Urrez eginda dago eta Lurrean bizi diren neska eta mutil guztiek esaten dutena jakin daiteke. Ni Nerearen pentsamenduetan sartu nintzen, berak nitaz zerbait sentitzen ote zuen jakiteko. Baina ez. Nerea, neska gehienak bezala, Markelen atzetik zihoan, eta nik tristura handia hartu nuen. Baina ez nuen esperantza galdu, eta egunen batean nitaz zerbait sentitzen hasiko zela pentsatu nuen. Geroago ilargitik bajatu eta nire logelara bueltatu ginen. Han bideo-joku batekin jolastu genuen. Nik asko jokatu nuen, baina Argitxok guztiak irabazi zizkidan. Zergatik izango ote zen pentsatzen hasi nintzen, baina azkenean burura etorri zitzaidan Argitxo ilargiko jauna zela. Ez zen beste bizidunak bezalakoa, eta denetara bikain jokatzen zekien. Larunbata zen, eta larunbat gehienetan egiten dudan bezala, etxean geratzeko asmoak nituen. Etxean ez zegoen inor. Guztiak kalera joanak ziren. Herriko jaiak ziren. Ohera sartzeko prest nengoenean, bat-batean, leihora begiratu eta hara nor ikusi nuen! Argitxo zen! Niri deitzen zegoen. Leihoa zabaldu nuen eta Argitxori sartzen utzi nion. — Joy. Ezetz asmatu zer ikusi dudan? Hor kanpoan iskanbila handia dago. Goazen! Argitxorekin bueltatxo bat ematera joan nintzen, eta hara non nire gurasoak ikusi genituen. — Zer egiten duzu hemendik gaueko ordu hauetan? –galdetu zidaten. — Hamaika urte ditut, eta nahi dudan lekura joan naiteke. — Ongi da, baina zuk nahi duzuna egiten baduzu, guk ere berdin egingo dugu, eta etxetik kanpora joango zara. — Ongi da. Orduan etxetik joan nintzen eta eskola barruan zegoen zuhaitz batean geratu nintzen bizitzera. Hurrengo egunean Argitxok bera etxera itzuli behar zela esan zidan. Nik berarekin joan nintekeen galdetu nion, eta baietz esan zidan. Orduan berarekin joan nintzen eta han amona maitea aurkitu nuen. Txakur bat New York-en Saioa Gorroño Belar New York hirian denok dakigu txakur asko daudela baina ez Lutxi bezalakoak. Lutxi txakur eme handikote bat da, ez du buztanik eta bere ipurdia biribila eta lodia da. Txakur hau Arabiarra da, “MISSIWISTTLING” arrazakoa, hau da, “PENDI” arrazakoa euskaraz. Denok pentsatuko duzue zer egiten duen Lutxik New Yorken, ba nik kontatuko dizuet: “Lutxi bere jabe arabiarrekin zihoan San Frantziskora hegazkinez, baina bat-batean hegazkina apurtu eta New Yorken jausi zen. Lutxiren jabeak eta hegazkineko pilotua zoritxarrez hilda gertatu ziren. Lutxi horretaz konturatu zenean pentsatu zuen: Ni hemen gelditzen baldin banaiz txakurtegikoak etorri eta eraman egingo naute. Horregatik korrika ihes egin zuen, norabide zehatzik gabe. Korrika eta korrika ibili zen 2 ordu eta 25 minutuz. Azkenean gosez hilda eta oso nekatuta zegoen, hiltzeko zorian. Baina bat-batean... saltxitxa usaina heldu zitzaion!! Hau bai poza Lutxirena. Usain hori saltxitxa kamioi batetik zetorren. Lutxiri animuak zabaldu zitzaizkion eta orduan kamioiaren atzetik joan zen korrika. Kamioilaria bidean zehar jendeari saltxitxak banatzen zihoan, baina ez zion Lutxiri bat bera ere eman. Azkenean kamioia leku ilun eta misteriotsu batera heldu zen. Leku hark edozeini beldurra sortzen zion. Dena ilun zegoen. Ez zegoen inor eta lurra zikinkeriaz beterik zegoen. Kamioiaren parean ate bat zegoen eta atean hauxe jartzen zuen: ”New Yorkeko kanposantua”. Baina Lutxik ez zekien irakurtzen, horregatik, ezer jakin gabe, barrura sartu zen. Barruan zegoelarik, zarata beldurgarri bat entzun zuen: “PUN”. Lutxi beldurtu egin zen eta korrika alde egin zuen aterantz baina atea itxita zegoen. Nerbioak irteteko prest zituenean, beste zarata bat entzun zuen: “MIAU”. Baina katu bat zela konturatu zenean, lasaitu egin zen. Lutxi gaixoari logura sartu zitzaion eta zegoen hotzarekin, lo gelditu zen. Gauean ametz bat izan zuen, hildako ama berarengana hurbildu eta hauxe esan zion: “Lutxi alabatxo, hemen jadanik ez duzu ezer egiterik, ez ezazu gehiago sofritu eta zatoz nirekin zerura”. Lutxi amarekin ados zegoen eta berarekin joan zen zerura. Hurrengo goizean, Lutxi ez zen itzartu eta ez zen inoiz gehiago itzartuko. Lutxi hilda zegoen. Kanposantua bisitatzera joan ziren pertsona batzuk esaten zuten: “Izoztuta hilko zen”. Eta beste batzuk esaten zuten: “Hainbeste jan eta lehertu egin da”. Gauza da, Lutxi zoriontsu joan zela zerura bere gurasoekin batera egotera. Hiru lagun film baten barrenaLeire Gorroño Albizu Orain dela hamar urte inguru, baziren hamabi urteko hiru lagun, Euskal Herriko herrixka ia ezezagun batean bizi zirenak. Herrixka mendiz inguratua zegoen eta jendea harrizko baserri handietan bizi zen. Herrixka ondoan zelai handi bat zegoen, aldamen batean adaxkak eta zuhaitzak zituena eta beste batean ur garbiko erreka txikitxo bat zegoen. Lagun hauetako bi neskak ziren. Onintze eta Ainhoa, bikiak ziren. Ile horia zuten eta bere adinerako oso garaiak ziren, beldurrezko filmak gogoko zituzten, saskibaloiko jokalari onak ziren eta aktoresa lan ona egiten zuten. Onintze ikasle ona zen eta irakurtzea gogoko zuen. Ainhoa, ordea, ez zen ikasgaietan oso ona. Peio, horrela baitzuen hirugarren lagunak izena, neskak baino baxuagoa zen eta ilea ikatza bezain beltza zuen eta ia orraztu gabe zeraman. Peio kirol guztietan jaioa zen eta berak ere beldurrezko filmak gogoko zituen. Egun batean, herrixka ondoko zelaira joan zirenean, han zeunden mutilak Peio zirikatzen hasi ziren beti neskekin egoteagatik. - ISILDU ZAITEZ! BEKAITZA DUZUE! Batez ere zuk, Txomin, mundu guztiak baitaki Ainhoaz maiteminduta zaudela- purrust egin zuen Peiok ukabilak gogor estutuz, neskak mutila handik eramaten saiatzen ziren bitartean. - Goazen, ostantzean iskanbilatan sartuko gara-eta.- xuxurlatu zion Ainhoak belarrira. - Bai, ni Ainhoaz maiteminduta nago- esan zuen, aurpegia gorri- gorri, Peiorekiko sentitzen zuen lotsa gorrotoa aurpegian nabari zitzaizkiolarik-; baina, zu Onintzez maiteminduta zaude- esaldia bukatzean eta Peioren aurpegi haserrea ikusi zuenean, irri maltzur bat irten zitzaion bere ezpain txikietan. Onintzeri harridura nabari zitzaion, eta lurrera itsatsita balego bezala zegoen. Ainhoa bitartean biei besoetatik tiraka zebilen handik joateko. Lortu zuenean lagunek erreakzionatzea, beraiek egindako etxola batera joan ziren. Etxola pago handi baten gainean zegoen. Bertan telebista eta irrati bat zituzten. Hara joaten ziren txutxumutxuak kontatzera eta jolastera triste zeundenean. Peiok burumakur jarraitzen zuen oraindik lotsaren lotsaz. Ainhoa disko batzuk ikustatzen ari zen. Pixka bat lehenago Peiok Txomini buruz esandakoak pentsakor jarri zuen, baina ez zitzaion nabari. Lagunek kontrakoa pentsatzea nahi zuen eta lehen esan dizuedan moduan aktoresa lan ona egiten zuten bi ahizpek. Onintzeri ordea, momentu hartan ez zitzaion axola, eta leihotik begira zegoen aulki batean eserita pentsakor eta sinistu ezinik. Orduan, eguzki izpiak ahuldu zirela eta ilunabarra zela konturatu zenean, salto batean altxatu zen aulkitik. - Zer ordu da? - Zortziak eta erdi- esan zuen Peiok bera ere saltoan zutituz. - Eta orain nola hartuko dugu filma- kezkatu zen Ainhoa. - Behin gurasoak etxolan lo egiten utziko eta zer ordu den ahaztu dugu- kexatu zen Onintze. Hamar bat minutuko isilunearen ondoren, honela hitz egin zuen Peiok: - Nik badut ideia bat -neskek burua biratu zuten Peio zegoen tokirantz harrituta-, jendea kaleetatik joan arte itxaron eta bideo dendan sartu, filma hartu, ikusi eta goizaldean inork ikusi gabe berriro bueltatu... - ...gainera ez dago kamerarik ezta alarmarik -bukatu zuen Ainhoak esaldia. - BURUTIK JOTA ZAUDETE! -txilio egin zuen Onintzek-. Zuek nahi duzuena egin dezakezue baina, nik ez dut burugabekeria horretan parte hartuko. Gainera, beste arazo bat dago, nola zabalduko dugu atea? - Horretan arrazoi du -esan zuen Ainhoak burua makurtuz. - Ahaztu duzu jada zeinen arin zabaltzen ditudan sarrailak, ala? - erantzun zien Peiok. - Egia da -esan zuten bi ahizpek batera. - Orduan, egingo dugu? -galdetu zuen Peiok irrikaz. - Ongi da -baiezkoa egin zuen Onintzek buruaz. - BAI! -salto egin zuten Peiok eta Ainhoak pozaren pozez. Gaueko hamabiak inguru ziren jada, eta lagunak prest zeunden plana martxan jartzeko. Denak eskularruak zeramatzaten, Ainhoak mototsak egiteko erabiltzen zituen gomak zeramatzan, Onintzek etxolara eraman zuen motxila eta Peiok eskuargi zahar bat. Heldu zirenean, inor ez zegoela ziurtatu zuten eta Peio atea irekitzen saiatzera joan zenean txunditu egin zen. Buruarekin keinu arraro bat egin zuenez eta dena ilun zegoenez, lagunek barrura sartzeko esan ziela uste izan zuten eta aurrerantz joan ziren baina, Peiorekin trebukatu ziren. - Zer gertatzen da? -galdetu zuen ia ahotsik atera gabe Ainhoak. - Atea irekita dago -erantzun zion ahots harrituarekin Peiok. - Noski! Zabaldu baduzu ez da itxita egongo, ezta! -esan zion berriz Ainhoak ahotsa igoz. - Nik ez dut zabaldu. - Oh! Orain ateak bakarrik zabaltzen direla esango didazu! -oihu egin zuen Ainhoak- Zer uste duzu, tontoak garela, edo zer? - Ssssst! Isilduko al zarete! Horrela jarraitzen baduzue, norbait esnatu eta konturatu egingo da -esan zien Onintzek. Lagunak ez ziren konturatu ordu arte, baina Onintze atzazalak jaten ari zen. Hau asko pentsatzen zuenean bakarrik egiten zuen-. Sartu gaitezen. - Gero gu gara burutik txarto gaudenak, ezta! -esan zioten Peiok eta Ainhoak batera Onintzeri. - Ez baina, zer gertatzen den jakin behar dugu. Agian konturatu gabe utzi dute atea zabalik. Goazen! -eta bultzadatxo bat eman zien. Barruan zeundela, argi distiratsu bat ikusi zuten dendaren atzealdean eta bertara joan ziren. - Etorri zarete -esan zien ahots maltzur batek eta bat batean, zast!, armairu handi baten atzetik begi gabeko izaki izugarri bat agertu zen. Aurpegi zuria zuen eta begizulo gorriak. Begi zuloetatik harrak irteten zitzaizkion. - Nor zara? -galdetu zion Peiok ia ahotsik gabe izuaren izuz. - Hainbeste film ikusi-eta oraindik ez dakizue nor naizen! Ni zigorren aztia naiz. Inoiz ikusiko duzuen aztirik bihozgabeena eta maltzurrena naiz. Gainera arte ilunetako aztirik beldurgarriena naiz. - Bai eta guk sinetsi -esan zion Ainhoak harroputz doinuarekin- badakit inozoak garela baina, ez hainbesterako! - Ez didazue sinisten, e? Ba orain ikusiko duzue. Zigor txikiagoa nuen pentsatua, baina -eskuak berde kolorekoak jarri zitzaizkion, SREKITISKI oihu egin eta lagunek hartu behar zuten filma airean altxatu zuen-, BARRURA! Orduan hiru lagunak filmean sartu zituen. Filma beste galaxia bat balitz bezala zen. Orain filma errealitatea zen beraientzat. Mendi garai bateko maldan zeunden, mendia harria besterik ez zen berdegune batzuekin mendiaren oin inguruan. Baina, ez zen bizia zuen ezer ikusten, putreak mendi tontorrean hegaldaka izan ezik animalia hilen bat bilatzen. Beraien aldamenean sarrera beldurgarriko kobazulo bat zegoen, eta bere ondoan TRIUS ETA ASLEREN ETXEA jartzen zuen letra morearekin kartel distiratsu batean. - Sar gaitezen -esan zuen Ainhoak, bi lagunek burutik jota balego bezalako keinu bat egin zuten-. Zer? Zer galduko dugu etxera itzultzen saiatzeagatik? Ainhoak eskuargia piztu eta hiru lagunak kobazuloan barrena sartu ziren. Hamar minutu luzez pasabide amaigabeetan ibili ondoren gurutze batera heldu ziren. - Eta orain norantz jo behar dugu? -galdetu zuen Peiok kezkaturik. - Onena bakoitza alde batetik joatea da eta hamar minutu barru hemen batzea -eman zuen bere iritzia Ainhoak. - Bai eta norbaitek zeozer aurkitzen duenean txistu egin dezala - erantzun zion Onintzek. - Hori da! -erantzun zion Ainhoak poz-pozik. - Ez daukazu burmuinik, ala? -bota zion Onintzek haserretu aurpegiarekin. Bitartean Peio harrituta zegoen izkina batean. - Zer da hori? -galdetu zuen Peiok ahizpak oraindik eztabaidan ari ziren bitartean- ISILDU! Ainhoa zuzendu eskuargiaren argia honantz. Oinatzak dira! - Miresgarria zara Peio -esan zioten bi ahizpek zoriontsu. - Beno, ez da hainbesterako -esan zuen masailak gorri-gorri zituela eta burua ezkerreko eskuaz harraskatzen zuela-. Gainera zuek ere konturatuko zineten eztabaidan ibili ez bazinete. - Zer gertatzen da, Onintze? -galdetu zion Ainhoak ahizpari atzazalak jaten ari zela konturatu zenean. - Horiek zigorren aztiak zeramatzan hantzeko oinetakoek eginak direla uste dut. Bestela begira inguruan dituen bi zulo horiek. Ez zarete konturatu aztiaren oinetakoek hego txiki batzuk zituztela? -bi lagunek harriturik begiratzen zioten-. Gainera ezinezkoa da justu hor bi zulo egon izana, han aurrean ikus daitekeen beste oinatz baten ondoan ere badaudelako. Eta... - Egia da, goazen ba! -Ainhoa irrikaz zegoen aurrera jarraitzeko. - ...uste dut badakidala nortzuk daramatzaten horrelako zapatak. Itxaron momentu bat.. -eta bere motxilatik liburu zahar eta lodi bat atera zuen- hemen dago. Aitonak oparitu zidan, gogoratzen? Bere birraitonak emandakoa zela esan zidan. Bertan aztien eta sorginen istorioak eta ezaugarriak agertzen dira. Mmmm... hemen egon behar du... -liburuko orrialdeak bizkor pasatzen zituen- hemen dago! Aztiek hamabi urte bete eta gero bakarrik erabili ditzakete, eta gure oinak oinatzekin konparatuz gero, gure adineko azti bat izan daitekeela esan daiteke. Sorginek gainera erratza ere izan dezakete. - Beno ba, jarraitu dezagun. Zer egiten dugu hemen geldirik? Eta oinatzak zeunden bidetik jarraitu zuten. Bost minutuz pasabide estuetan ibili eta gero ate erraldoi baten aurrera heldu ziren. Ateak ez zuen sarrailarik, zulo handi eta lauki bat zegoen ordea, puntu gorri batekin erdian. Zuloaren gainean asmakizun hau zegoen idatzita: “Batzuetan kontsultarako, besteetan interesgarri edo beldurgarri, badira akziokoak ere bai. Zu baino txikiagoak gara, batzuk lodiak eta besteak meheak, baina beti zuri laguntzeko prest. Oraingo honetan magiaren lagunak dut izena” Irakurtzerakoan erantzuna pentsatzen hasi ziren. - Badakit! -esan zuen Onintzek- Liburu batzuk kontsultarako, besteak interesgarriak dira edo beldurgarriak, badira akziokoak ere. Liburuak da erantzuna. Baina, ez dut amaiera ulertzen. Magiaren lagunak, non irakurri dut hori lehenago? -hasi zen pentsatzen Peio- Hori da! Onintze atera ezazu zure liburua, banekien izenburu hori irakurria nuela nonbait -esan zuen Peiok poz-pozik-. Kokatu ezazu hutsunean eta biratu. Onintzek Peiok esandakoa egin zuen eta ate erraldoia, bat-batean, zabaldu egin zen. - Asle, zu zara? -galdetu zuen mutiko baten ahotsak barrualdetik. Baina, Asle ez zela konturatu zenean, txundituta geratu zen, inork ez baitzuen hara heltzea lortu. Leku hartako jende gehienak kobazuloaren sarrera ikusita ez zen barrura sartzen eta besteek Tutiren ahotsa entzun eta beste pasabidetik joaten ziren. Txakur erraldoi haren begi hilgarriak ikusi arte- Nortzuk zarete? - - Gu Onintze eta Ainhoa gara, eta horko hori Peio da. Eta zu, nor zara eta nor da Asle dena delako hori? -galdetu zuen Ainhoak. - Ni Trius naiz. Hamabi urteko aztia. Asle nire arreba da. Berak hamahiru urte ditu -erantzun zien mutilak beraiengana hurbilduz-. Nola lortu duzue honaino heldu eta atea zabaltzea? - Oinatzak ikusi ditugu eta aitonak eman zidan liburu batekin, atea zabaldu dugu -Onintzek esaldia bukatu orduko atea berriz ireki zen. - Kaixo, Asle -esan zion Triusek- hauek Ainhoa, Onintze eta Peio dira. - Orduan zuek zarete. Lehen hots batzuk entzun eta erratzarekin hegan hasi naiz, gero teilatuan oratu naiz -esan zuen Aslek erratza eskuan zuela. - Sartu gaitezen egongelara -esan zuen Triusek mando batekin beste ate bat zabalduz. Eta gela erraldoi eta dotore batera sartu ziren. Gela kandelek argitzen zuten. - Zuek badakizue nola irten daiteken hemendik? -galdetu zuen Peiok. - Begira, zigorren aztiak beldurrezko film batera sartu gaitu, zigor giza -azaldu zien Onintzek. - Uste dut badakidala nola -esan zien Aslek-. Orain gure gainean dagoen mendiaren tontorrera igo behar da eta bertan Elurren gizonak asmakizun bat ondo erantzun ondoren, hiru gurari eskaintzen ditu. - Goazen, ba -esan zuen Ainhoak irrikaz. - Bai, baina, mendian gnomoak, zonbiak eta hainbat gizaki beldurgarri bizi dira -esan zien Triusek. - Baina, hemen hogeita lau ordu baino gehiago ematen badituzue, betirako geldituko zarete. - Orduan behintzat saiatu egin behar dugu -esan zuen Onintzek. - Arrazoi duzu, baina oso gogorra izango da goraino heltzea -erantzi zuen Peiok. Orduan Aslek bere erratza lurrean utzi eta korrika irten zen eta pare bat minutu geroago zapata hegalariekin eta bi erratzekin bueltatu zen. - Zenbat urte dituzue? -galdetu zien neskak. - Hamabi. - Baina, Asle, txartelak behar dituzte erratzean ibiltzeko. - Bai eta horregatik ditut hiru txartel, bat bakoitzarentzat. Gorde hau patrikan- esan zien txartelak hurbilduz-. Peio zuk jantzi zapata hegalariak eta altuan GORA esatea besterik ez da, eta buruarekin gidatzen da. Zuek hartu erratzak eta eman ostiko bat lurrari. Zuek gorputzarekin gidatuko duzue. - Orduan zeren zain gaude -esan zuten bi ahizpek Triusek zulo handi bat sortzen ari zen bitartean hitz magikoak esanez. Hogei minutu barru ia tontorrean zeunden eta Aslek gidatzen zituen. Bat-batean Aslek lurreratzeko keinua egin zuen eta denak bere atzetik lurreratu ziren. - Zer gertatzen da? -galdetu zuen Peiok. - Hemendik tontorreraino oinez joan behar da, hegan edo erratzean joatea debekatua baitago. - Orduan zer egingo duzue erratzekin? -galdetu zuen Onintzek. - Mmmm... ba berriro etxera bidaliko ditut -esan zuen Aslek- LILATUM BUELTATU ETXERA!- eta erratzak beraiek bakarrik hegan joan ziren eta lagunek aurrerantz jarraitu zuten. Jada hamar minutu zeramaten bidean gnomo talde bat haiek inguratzen hasi zenerako. - Eta orain zer? -galdetu zuen Triusek. - Ez duzu ezer ikasi eskolan, ala? TRUTINI! -oihu egin zuen Aslek bere makila magikoa gnomo batengana zuzenduz. Gnomoa desagertu egin zen. - Horrela denbora asko beharko dugu -esan zuen Peiok gnomoak zenbat ziren zenbatzen ari zen bitartean. - Trius -esan zuen Onintzek- badakizu saskibaloiko baloiak agertzeko behar diren hitz magikoak? - Bai, noski. - Ba, orduan egin baloiak agertzea. Eta zuek biok hartu baloiak eta bota ahal bezain gogor gnomoen burura. Liburuan irakurri bainuen gnomoei zerbaitek buruan joten bazien konorte barik geratzen direla. Horrela hogei minutu inguru egon ziren baloiak botaz eta hitz magikoak esanez. Azkenean lortu zuten. - Bizkor ibiltzen bagara, ilundu baino lehen helduko gara eta ez dugu banpiro eta zonbien arriskurik izango -esan zuen Triusek. Horrela beste hogei minutuz ibili ondoren, Peiok zerbaitek jarraitzen zietela konturatu zen. - Zerbait datorkigula atzetik esango nuke -esan zien atzera begiratuz. Lagunek atzera begiratu zutenean otso talde bat agertu zen zeunden sasi gutxien artetik. Otso bakoitzak bi buru zituen eta hegoak ere bai. - Aaaaaaaaa! -oihu egin zuten lagunek. - Isilik -esan zien Triusek bere makila ateratzen zuen bitartean- LIELUTEN! -hitz magikoak esan orduko otsoak harri bihurtu ziren. Azkenean sustoa pasatu ondoren berriz ekin zioten bideari, eta hortik gutxira tontorrera heldu ziren. Bertan agure zahar bizar zuri bat zegoen izotzezko aulki batean eseria. - Heldu gara -esan zuen Ainhoak pozik. - Barkatu, jauna -esan zion Onintzek ahots gozoz- asmakizunaren bila gatoz. - Ziur zaudete? Badakizue asmatuz gero hiru gurari eskainiko dizkizuedala. Baina, bestela, nire esklabo izango zarete betirako. - Ongi da -esan zuten lagunek oso ziur ez egon arren. - Hau da asmakizuna -eta izotzezko taula bat eman zien honakoa zuela idatzia: “Madariondo batean madariak daude. Ez ditugu madariak hartzen eta ez dira madariak gelditzen. Zenbat madari zeuden lehen?” - Pentsa ezazue ondo erantzun baino lehen, zuen etorkizuna jokoan baitago. - Badakit -esan zuen Onintzek hortik ordu laurdenera. Eta bere lagunekin komentatu zuen erantzuna, eta denak ados egon zirenez honela erantzun zuen-. Bi madari zeuden lehen. Madariak bazeuden bat baino gehiago egon behar ziren eta ez baditugu madariak kentzen bat izan behar da eta ez badira madariak gelditzen bat izan behar da derrigorrez. Horrela kendutakoa gehi gelditzen dena bi ematen du, hau da, madariaK zeuden (bi, bat baino gehiago ) ez ditugu madariaK kentzen (bat, bi baino gutxiago) eta ez dira madariaK gelditzen (bat, bi baino gutxiago) -eman zuen Onintzek bere erantzunaren azalpena agureari. - Ondo erantzun duzue -esan zien agureak-. Zeintzuk dira zuen gurariak? Denbora batez beraien artean komentatu ondoren honela hitz egin zuen Peiok: - 1. guraria: Film honetatik irten eta gure herrixkara itzulti da, Asle eta Trius ere bai. - 2. guraria: Hemen egon garela ahaztea nahi dugu, jendeak burutik jota gaudela pentsa ez dezan. - 3. guraria: Herrixkako guztiek pentsatzea Trius eta Asle betidanik bizi izan direla herrixkan. Onintzek badaezpada asmakizuna idatzia zegoen izotz zatia bere motxilan sartu zuen agurea hitz magikoak esatera zihoala konturatu zenean. - Ongi da -eskuak more jarri zitzaizkion- LETIULOREN BUELTA DAITEZELA ETXERA, DENA AHAZTU DEZATELA ETA HERRIXKAKOEK TRIUS ETA ASLE BETIDANIK EZAGUTZEN DITUZTELA PENTSA DEZATELA! Orduan bost lagunak zurrunbilo amaigabe baten sartu ziren. Hurrengo egunean bost lagunak beraien etxolan esnatu ziren zorabio pixka batekin. Onintze bere motxila hartzera zihoanean izotzezko taula bat erori zen lurrera. Inork ez zekien arren nondik agertu zen gauza hura ez zioten garrantzirik eman, ez baitziren ezertaz gogoratzen, eta jolastera joan ziren herrixka ondoko zelaira. Bertan Txomin eta bere lagunak zeuden baina, Trius eta Asle betidanik herrixkan bizi izan balira tratatu zituzten. Txomin Peio zirikatzen hasi zen berriro, baina honek ez zion jaramonik egin eta futbolean jolastera joan ziren. Ordutik ez dute berriz Zigorren aztiarekin topo egin eta oraindik ez dute izotz zatiaren misterioa argitu. Telebistan barrenaIrantzu Lauzirika Jokin izeneko mutil bati ez zitzaion telebista ikustea gustatzen. Bere gelako lagunak orduak pasatzen zituzten telebistaren aurrean. Jai egunak ere telebista ikusten ematen zituzten. Gelakoak telebista ikusten ari ziren bitartean, Jokin hiritik bakarrik ibiltzen zen ezer egin gabe. Batzuetan pentsatzen zuen berekiko: “Zergatik ez zait besteei bezala telebista ikustea gustatzen?” Bere gelakoek esaten zioten: - Gaur arratsaldean Koldoren etxera goaz telebista ikustera. Etorriko zara? - Ez, ezin dut. Matematika ikasi beharra dut –esaten zuen. Baina gau batean lo zegoela, zerbaitek kilimak egiten zizkion belarrian. Esnatzean gauza distiratsu bat zela ikusi zuen Jokinek. Uste zuen oraindik lotan zegoela, baina errealitatea zela konturatu zen. Aho bete hortz, harriturik, bere buruari galdetu zion: - Nor zara eta zer nahi duzu? - Telebistako maitagarria naiz eta telebista zergatik ikusten ez duzun jakin nahi dut. Jokin hitzik gabe zegoen, eta ez zekien zer esan. Begiak igurtzi eta, ez, ez zegoen ametsetan. - Ba... txikitan, lehengo aldiz telebista ikusten ari nintzenean, telebistak eztanda egin zuen eta ordutik aurrera telebista ikusteari beldur diot. — Ez zaitez kexa. Gaueko hamabietan telebista piztu eta ni etorriko naiz, telebistan barrena bidaiatzeko. — Bai, baina zer egingo dugu hor barruan? — Telebistaren barruan dagoen guztia ikusiko dugu, horrela zure beldurra desagertu egingo da. Jokinek ez zekien zer egin; baina gaueko hamabietan telebista piztu eta maitagarria agertu zitzaion. Tarte txiki baten ostean maitagarriak esan zuen: — Telebista, utziguzu ikusten zure barruko pista. Orduan argi distiratsu bat piztu zen telebistan eta hortik abiatu ziren biak. Heldu zirenean zinema bezalakoa zela ikusi zuten. Ate bat ireki eta Euskal Telebistan marrazki bizidunak, Euskal Telebista 2an pelikula bat, Antena 3an beste pelikula bat... telebistan zituen programazio guztiak bukatu arte. Jokin errealitatera bueltatu zenean gaueko hiru t’erdiak ziren. Bere gurasoak heldu zirenean eta Jokin telebista ikusten harrapatu zutenean harrituta gelditu ziren. — Nolatan zaude telebista ikusten? –galdetu zuen amak. — Ama, maitagarri bat etorri zait gaueko hamabietan eta telebistan barrena eraman nau. — Jokin, joan zaitez ohera, nekatuta zaude eta. Gaur egun telebista normaltasunez ikusten dut. Izar urdina Paula Motrico San Emeterio Kaixo lagunok, Peru dut izena, Afrikan bizi naiz eta behin gertaturiko gauza harrigarri bat nator kontatzera. Badakizue Afrikan bero asko egiten duela, eta ni Aljerian bizi nintzenez, ia ez nuen ezagutzen hotza. Behin, eskolatik irten eta etxera heldu nintzenean, amak horrela esan zidan: - Peru, basamortura joan behar zara. Bertan bakarrik aurkitzen diren landare batzuk behar baititut zure aita sendatzeko. Oso gaixorik dago eta landare horiek behar ditu, bestela... Ez nuen gehiagorik entzun nahi, banekien zer zetorren esaldiaren bukaeran. Momentu hartan ikasi nuen hotza zer zen, eta kalean berrogei gradutan egon arren nire gorputzak, nire begiek, nire besoek, nire hankek... denek sentitzen zuten hotz hura, nire gorputz osoaz jabetzen ari zen hotza, alegia. Baina nire hankak mugitu egin behar ziren, izan ere ahalik eta arinen joan behar nintzen basamortura landarearen bila bestela... bestela... bestela akabo dena! Nire hankak, pixkanaka-pixkanaka mugitzen hasi ziren eta ziztu bizian atera nintzen etxetik basamorturako bidea hartuz. Basamortuan, hara eta hona ibili nintzen landarearen bila, arrakasta izan gabe. Gaua laster iritsi zen eta ni oso nekatuta nengoen, baina aita neke guztien gainetik maite nuenez, aurrera jarraitzen saiatu nintzen. Azkenean, nekeak nire indarra gainditu zuen eta area gainean etzanda geratu nintzen, hilda banengo bezala. Bat-batean arean ekaitza hasi zen, baina ez zirudien benetako ekaitza, ekaitzaren erdian neskatxa baten irudia ageri baitzen. Honela esan zidan neskak: - Jaiki zaitez, Peru, eta begira itzazu irudi hauek. Zailtasunez lortu nuen jaikitzea. Gero, area artean magiaren bitartez edo, agertzen ari ziren irudiei begiratu nien. Irudi hotzak ziren haiek, guden argazkiak, jendea hiltzen, pertsonak sufritzen...Eta bere aita! Bai, bere aita ere bertan ageri zen, sufritzen ari baitzen. Eskumako begitik bi malko jausi zitzaizkidan. Neskatxak bi malkoak eskuan hartu zituen eta haiekin kristalezko botilatxo bat egin zuen, jarraian esan zidan: - Zure malkoak maitasunez beterik zeuden eta horregatik egin ahal izan dut botilatxo hau. Zure aitaren ondoan zaudenean irekitzen baduzu, botilak zure aitaren gaixotasuna xurgatu eta sendatu egingo da. Baina, begiratu itzazu beste irudiak: gudak, hiltzen ari diren pertsonak... Horiek ere sufritzen ari dira, baina zoritxarrez ez daude nahikoa malko mundu honetako sufrimendu guztia xurgatzeko, hobeto esanda ez daude zu bezalako bihotz garbia eta eskuzabala duten pertsona nahikoak haien malkoekin odol isuri hau gelditzeko. Gaur egungo pertsona gehienek boterea, dirua eta horrelako ondasunak baino ez dituzte buruan. Pertsona askok bi aurpegi dituzte, kanpotik pertsona onak dirudite eta barrutik, berriz, oso maltzurrak dira. Pertsona onak ere badaude baina maltzurrek boterea dutenean inor gelditzerik ez dago... Pertsona batek izan ezik... - Eta nor da pertsona hori? - Ni, baina zure laguntzaz bakarrik. - Eta zer egin behar dut? - Oraintxe esango dizut. Neskatxak egin behar nuena azaldu zidan eta lehen agerrarazitako botila eman zidan: - Tori botilatxoa eta sendatu zure aita. Gaueko hamabietan, zure herriko plazan elkartuko gara. Ez hutsik egin. Hitzok esan ondoren neskatxa desagertu egin zen, eta harekin batera sufrimenduaren irudiak eta area-ekaitza. Ni ziztu bizian abiatu behar nintzen herrirantz nire aita sendatu behar bainuen. Etxera heldu nintzenean ama aulki batean eserita zegoen; aita, berriz, ohe gainean etzanda. Ez ote zen beranduegi izango? Aitarengana urreratu nintzen eta botilatxoa ireki nuen ahalik eta lasterren, jarraian argi urdin bat ikusi nuen aitaren gorputzetik irteten eta botilatxoan sartzen, segur aski sufrimendua izango zen. Botila guztiz bete zenean, neskatxaren moduan hura ere desagertu egin zen. Orduan, aita altxatu egin zen eta guztiz sendaturik zegoela esan zigunean, bere besoetara bota nintzen besarkadak eta bekokian musuak emanez. Hura zen zoriona! Eta hura zen poza nirea! Baina momentu hartan joan beharra neukan, neskatxa berezi hari lagundu behar bainion. Gurasoak nirekin joan ziren plazaraino. Bat-batean neskatxa berriro agertu zen eta bere besoak eskaini zizkidan; nik, eskuetatik heldu nion eta biok hegan joan ginen zeru ilunaren erdian aurkitu arte. Bertan, nire malkoetako batzuk isurtzea eskatu zidan. Hala egin nuen eta neskatxak nire malkoak eskutan hartzean izar baten itxura hartu zuen eta argi urdin itsugarri bat xurgatzen hasi zen. Amaitu zuenean, lehen, basamortuan ikusitako irudiak agertu ziren berriz, baina oraingoan ez ziren sufrimenduzko irudiak, pozaren eta bakearen irudiak bai zik. Gauaren erdian geunden, baina hala ere jende guztia haien etxeetatik irten zen argi indartsu haren zergatia jakin nahi baitzuten, eta izar urdin hura ikustean denok pozez eta bakez bete ziren, orain izar haren argi urdina ez zen sufrimenduzko argia, bakearen argia baino eta horregatik pertsonarik txarrenen bihotza ere maitasunez bete zen. Izar hark munduari bere alde beltza xurgatu zion. Gutxika-gutxika izarrak lurrera eraman ninduen eta eskerrak eman eta gero agur esan genion elkarri: - Gure mundua salbatu duzu, denon esker ona merezi duzu -esan nion neskatxari. - Zure laguntzarik gabe ez nuen lortuko. - Baina oraindik ez dakit nor zaren, ezta zure izena ere. - Izar urdin deitu ahal didazu, gehiagorik ezin dizut esan. Berriz ere neskatxa desagertu egin zen, baina oraingo honetan oroigarri bat utzi zidan, bakearen eta pozaren argi urdina zuen kristalezko botilatxoa agertu baitzen nire eskuetan. Gau hartan, nire gurasoek eta nik lasai asko begiratu genuen zerua. Izar urdinez osaturik zegoen zerua, alegia. Jonek begiak zabaldu zituen Maria Oyarzabal Jon mutil arrunt bat zen, baina ez oso normala, ez zitzaizkiolako gustatzen bera bezalakoak ez zirenak. Beti jolasten zuen bere betiko lagunekin, beraren oso antzekoak. Jende desberdina ikusten zuenean, ez zuen haien ondotik pasatu nahi, zikinak zirelako. Eta zikindu ahal zutela pentsatzen zuelako... Egun baten Jon, bere lagunekin jolasten zegoela, aldape batetik jausi zen. Eskerrak hortik ijito batzuk pasatu zirela eta ikusi zutela nola jausten zen!, korrikan joan ziren, hartu zuten eta ospitale batera eraman zuten. Jonek ez zuen hezur bat ere ez apurtu, baina lesio handi bat zuen begietan. Ospitaletik etxera ailegatu zenean, egokitu zen udako oporrak hasi zirela. Lagunek Jon agurtu eta oporretara joan ziren guztiak. Jon bakarrik geratu zen, jolasteko lagunik gabe. Egun batzuk pasatu ziren eta Jon gero eta aspertuago zegoen, ezin zuelako telebista ikusi eta ordenagailuan jolastu, begiak bendatuta zituelako, eta horrela hilabete bat egon behar izan zuen gutxienez. Egun batean, bere amak erabaki zuen Jon kalera joan behar zela airea hartzera. Bere ama urrundu egin zenean momentu bat, oso triste eta bakarrik sentitu zen Jon.Bat batean ahots bat entzun zuen: - Kaixo! Zer gertatzen zaizu begietan? - Tom deitzen naiz, eta hauek nire lagunak dira: María, Ander eta Mikel, bere anaia. Gurekin jolastu nahi duzu? Jonek hasieran ezetz esan zuen pentsatzen zuelako begi estaliekin ezingo zuela jolastu. Baina neska-mutil haiek animatu zuten eta joko asko asmatu zituzten zeinetan ikusmena ez zen behar. Adibidez itsumandoka, hitzekin jolastea... Inoiz ez zuen jolastu hain gustura!. Egunero kalera joan nahi zuen bere lagun berriekin. Egun bakoitzean jolas desberdinak asmatzen zituzten, edo batzutan belarrean etzaten ziren txisteak kontatzeko, eta oso ondo pasatzen zuten denbora. Egun baten medikuak deitu zion esanez ospitalera joateko bendak kentzera. Etxera heldu zenean pozik sentitu zen, eta bere lagunak ikusteko gogo handiarekin. Kalera bajatu zen eta betiko lekura joan zen. Ume oso errubio batek galdetu zion: - Ezagutzen al nauzu? Jonek begiak itxi zituen eta esan zuen: - Tom? Zein ile errubioa daukazun!! - Nire aita alemaniarra da. Segidan María, Ander eta Mikel etorri ziren. María oso beltzarena zen, oso ile beltzarekin. Marokoarra zen. Ander eta Mikel ere beltzaranak ziren, perutarrak zirelako. Jon konturatu zen bere lagunik onenak fisikoki berarengandik oso ezberdinak zirela, eta horrek ez zeukala garrantzirik, garrantzitsuena pertsonen bihotza dela. Jonek azkenean begiak zabaldu zituen. Gaztelu madarikatuaJon Seoane Aspaldi aspaldian Behe Nafarroan herri txiki bat zegoen, eta oraindik badago, Aibar izenekoa. Hango etxeak estilo gotikokoak ziren. Aibar herrian, gaztelu zahar bat zegoen, oso gaztelu izugarria. Goialdea gargolez beterik zegoen, eta eraikitzeko egitura oso berezia zen. Jendea ohituta zegoen eta gaztelu ondotik pasatzen ziren, ezertaz konturatu barik, gaztelua ez balego bezala. Den denak, Juanjo izan ezik: gure protagonista. Gargola haiek beldur asko ematen zioten. Juanjo hamahiru urteko nerabe beldurtia zen. Hori zela eta, bere logelan eta institutuko takiletan lau hostoko hirustak eta zorte oneko tresnak bakarrik zituen. Gaztelu hark elezahar bat zuen: aspaldi-aspaldian, jendeak zioenez, ilargia betea zegoenean gargolek bizitza hartzen zuten eta etxez etxe joaten ziren haurrak bahitzen. Ondoren gaztelura eraman eta, gau osoa pasatzen bazuten, eurek ere gargola bihurtzen ziren. Elezahar hark asko beldurtzen zuen Juanjo. Horregatik, behin jolastorduan sentitzen zuena bere lagun minari, Pellori kontatu zion. - Baina Juanjo! Nola sinesten dituzu umekeria horiek? Kontakizun horiek ume txikiak beldurtzeko dira. - Orduan, zergatik dago orain itxita gaztelua? Aitak txikitan gaztelua bisitatzera sartu ahal zela kontatu zidan. Badirudi txango batean ume bat desagertu zela. - Nola izan daiteke hori ? Eraikin batean inor ez da desagertzen. - Ez da arraroa gargolak antzina bezala egotea? - Ba, Pello! Ez dut lo trankil egingo baldin eta nire begiekin ikusten ez badut. - Ados, ongi da -esan zuen Pellok. Gaur gauean geratuko gara gazteluan eta ikusiko duzu zelako umekeria den! Hori entzuterakoan erabat beldurtu zen Juanjo. - Ba... baina Pe... Pello, zure begiekin ikusi nahi duzu, ala ez? - Be... beno tira, bai, baliteke, gazteluan hamar eta erdietan. Gau hartan geratu ziren, eta Juanjo berandutxo iritsi zen. - Berandu iritsi zara, Juanjo! -esan zuen Pellok - Barkatu ...afaldu behar nuen, eta... - Bizkor, tira, goazen barrura! -esan zuen Pellok. Barrura sartu eta Juanjok hotzikara sentitu zuen bizkarrean. - Pe... Pello nahiko ikusi dut. Eta itzuliko bagina? Gaur ilargi betea da eta ... - Beldurti halakoa! Hemen ezertxo ere ez dagoela egiaztatzen duzunean itzuliko gara. Ez ziren asko mugitu eta zarata bat entzuterakoan bueltatu egin ziren. Zer eta geriza bat, itzal iluna, ikusi zuten. Baita barre batzuk entzun ere. Pellok bueltatu eta harro-harro esan zuen. - Nor dabil hortik? Gu ertzainak gara eta gure aurrean agertzen bazarete tiroka hasiko gara. Ahotsak, berriro, barre egin zuen. - Ja, ja, ja, ja ! Ez esan gezurrik Pello! - No... nola dakizu nire izena? - Oh! Ja, ja, ja ! Nik dena dakit zutaz, mutiko. Adibidez: zure alboan dagoenak Juanjo du izena eta zure lagun mina da. Juanjo aho bete hortz geratu zen, ikarak janda. - I... ikusten duzu Pello? Istorioa benetakoa da. Hori esanda, biak lurrera jausi ziren zerbaitek bultzatuta eta, argitan, geriza gar- gola handia zela ikusi zuten. Harez geroztik inork ez ditu ez Juanjo ez Pello ikusi. - Eta zuk? Kontuz, nik badakit-eta zer gertatu zen. Pello eta Juanjo ez ziren inoiz gaztelutik irten... Zehatzago esanez, pertsona lez inoiz ez ziren gaztelutik irten, Pello eta Juanjo gargola bihurtu baitziren. Eta ilargi betea dagoenean gaztelutik irteten dira haurrak bahitzera. - Nolatan dakidan? Ni gargola nauzuelako, gaztelu hartako gargolen nagusia. Agian, une honetan zure atzean, zuri begira egon litekeen bera! Ja, ja, ja,ja... Latoizko Autoa Milia Zabala Kontatuko dizuedan ipuina 1901eko gabonetan kokatu dut herri txiki eta pobre batean. Protagonista Martin da eta urte horretako gabonak nola pasatzen dituen kontatuko dizuet. Martin mutiko langile eta eskuzabala zen. 7 urte zituen eta bere ilea ilargi eta izarrik gabeko gaua bezain iluna zen. Bere begiak berriz, belar sikua bezain argiak ziren. Lau bat taberna zituen herriko kale ilun eta bakarti bateko kale kantoi batean bizi zen gurasoekin. Familian ez zeukaten diru askorik eta, beraz, Martini ez zioten gauza askorik erosten, baina maitasun handia ematen zioten. Ama etxeko lanetaz arduratzen zen eta Martin, txikitatik, ondo hezia zuen. Aitak nagusi batentzat zerbitzatzen zuen etxe baten, baina nagusia ez zen bat ere eskuzabala, 5 pezeta baino ez baitzion ordaintzen hilean. Gabonak heltzear zeuden eta Martinek ez zekien zer eskatu Olentzerori, gainera bazekien Olentzerok ezingo ziola gauza askorik eka rri ez baitzeukan diru askorik. Hori bai, aurreko gabonetan Bizkor izeneko txakurra oparitu zion. Larunbat goizean Martin, lanak egin ondoren, Bizkor bere txakurrarekin paseatzera irten zen. Dagoeneko dendak hasiak ziren erakusleihoetan jostailuak ipintzen. Martin dendaz denda zihoan erakusleihoetan zeuden jostailuak begiratzen, baina jostailu batek ere ez zuen Marin erakartzen. Bat batean, denda zahar eta bitxi baten aurretik pasatu zen eta sartzea erabaki zuen. Denda txikia, baxua eta zaharra zen, baina hala ere ez zion horrek Martini gauzak ikustea galarazi. Gauzak begiratzen hasi zen, eta dendako izkina batetik azal ilun, ile zuri eta betaurrekoak sudur lodian eusten zituela, agure zahar bat irten zen. Agureak laguntza eskaini zion eta Martinek zerbait polita nahi zuela esan zion. Agurea ate batetik desagertu zen eta Martinek bitartean denda begiratzen jarraitu zuen. Denetarik zegoen: etxerako, batez ere sukalderako gauzak, janariak, erremintak, zapata pare batzuk, Martini gustatzen ez zitzaizkion jostailuak,... Ezerk ez zion Martini arreta deitu eta, bat batean, izkina batean Martin benetan liluratu zuen latoizko auto txiki bat zegoen. Hurbildu eta begiratzen hasi zen. Autoaren goialdea berde iluna zen. Ez zeukan gaur egungo autoen bat ere antzik. Beso artean hainbat jostailu zekartzala agertu zen agurea, baina ezer esan baino lehen, Martinek ea zenbat balio zuen latoizko autoak galdetu zion, eta dendariak 15 pezeta balio zituela esan zionez, Martin buru makur irten zen dendatik. Etxera itzuli zenean amari arraroa egin zitzaion Martin horrela ikustea, baina Martinek ez zitzaiola ezer gertatzen esan zion. Aita etxera heldu zenean, Martini amak esandako gauza bera galdetu zion eta, azkenean Martinek, egia esan zion. Aitak Olentzerok ezin zuela hain gauza garestirik erosi esan zion. Isilean, gauetan, Martin lotara joaten zenean, lana egiten zuen eta, dirua aurreztuz, Gabon eguna heldu zenerako 14 pezeta lortu zituen. Baina nondik atera azken pezeta? Burua apurtzen aritu zen, ez baitzeukan nondik atera pezeta hori, eta kalera irten zen. Bere kalean zegoen taberna batetik iskanbila izugarria zetorren, eta Martinen aita hurbildu egin zen zer gertatzen ote zen jakiteko. Tabernan sartzera zihoanean, mozkor bat agertu eta zera esan zion Martinen aitari: - Hartu ezazu pezeta hau, segur aski zuk nik baino gauza garrantzitsuago baterako erabiliko duzu eta. Aitak eskerrak eman eta gertatu zena sinistu ezinik, zuzen zuzenean dendara joan zen. Sartu eta Martinen aita harriturik geratu zen. Agure hura, aspalditik ikusi gabe zuen bere lehengusu zaharrenetariko bat zen. Eskua eman eta hitz egiten egon ondoren, Martinen aitak, latoizko autoa erakusteko eskatu zion. Orain ulertzen zuen zergatik balio zuen hainbeste: Martinen aitonaren txikitako jostailu maiteena izan zelako. Berehala poltsikotik 15 pezetak atera zituen eta dendariak hamar pezeta bakarrik hartu zizkion. Agurtu ondoren, aita kalean gora igo zen. Gabon afarirako ez zuen ezer espero, baina etxera heldu eta atea zabaldu zuenean... Martin eta bere ama atean zeuden aitari itxaroten eta sukaldeko mahaia -ez zeukaten jangelarik- janariz beterik zegoen. Martinen aitak zera galdetu zion bere buruari: “Nondik atera ote dute janari guzti hau erosteko dirua?” Mahaian denetik zegoen: aperitiboak, arrain-zopa, entsaladak, pasta... Beste mahaitxo batean, okelak, arrainak, oilaskoa, barraskiloak, albondigak, arrautzak... Eta azkenik, beste mahaitxo batean, postreak, polboroiak, pastelak, eta abar. Betekada izugarriarekin joan ziren ohera hirurak. Hurrengo goizean Martin esnatu eta gosaltzera zihoanean... egongelan latoizko autoa ikusteak ustekabean harrapatu zuen. Martinen galdera zera izan zen: “Nondik irten ote da latoizko auto hau?”
booktegi.eus berria.eus JOSE MARI PASTOR Minareteak Urdaibain Artikuluak BERRIAko lagunei. Eta Alazne Aiestarani -lankidea eta, batez ere, laguna-, haren asteroko zuzenketa eta aholkuengatik AURKIBIDEA Non dago Darwin? Tolosako eskaleak Minareteak Urdaibain Rudolfen itzala Tiririca Llangollengo bildotsak Prostitutak William & Kate Gasteizko bananondoak Chimezieren lagunak Nork inkubatu du arrautza? Gosea Salzburgon Etsipenaren geografia Miraria Milanen Igerileku terapeutikoa Perpinyatik Perpinyara 'La ETA' 'This is America' Donut egunak Jobs Ongi etorri, Mr Blair! Mereziko du Carrero Gernikan Hemengo turkiarrak 'Delicious' Metropoliko kosmopolitak 'Relu a vorbit tata' Ez ligatu ezezagunekin 'What else?' Brontzezko oihuak Gau erromantikoa Apian, apika Eskerrik asko aldez aurretik Eskoziarra izan nahi nuke Ume lapurtuak «'Yes, sir'» Pablo eta sexua Prizzitarren ohorea Grebarik ez 'Aire delizius huntan' Urte luzea Aspirinak Missourin 'Adeu, Espanya!' 'Halal', 'burger' eta abar Perrexil japoniarra Gerra jokoak Bibotedunak Aerofloten Puntaren puntan... 'Laika' ametsetan Garitano gabarran Epilogoa Non dago Darwin? Hitzaurrea Egunkarietan idazten duenak aukera dezake artikulugintza autobiografikoari nahi dion heldu ala analistaren tresnak baliatzea duen gurago. Ispilua nahiago duzu ala leihoa? Kronista izan nahi duzu ala iruzkingile? Notario ala autopsiagile? Disekzioa ala behaketa dira komenigarriago? Disekziona daiteke behaketarik gabe, egiaz? Eta zeure burua ezagutu gabe? Zeure burua disekzionatu, diozu? Zenbat zutabetarako eman lezake norbere buruak, ordea? Mundua aldiz, gure ondoan, arrotza eta zabala da, hari buruz helarazten zaigun interpretazioa murritza eta klaustrofobikoa begitandu dakigukeen arren sarri. Nazioarteko egunkarietako albiste eta iritziak irazi ditzakezu, sare sozialak eskuaretu, zeitgeistarekin sintonizatzen saiatu, munduaren setak eta norbere obsesioak zelanbait parekatzen ahalegindu, hartara, irakurlearekin, zapaltzen dugun lurraz gain, obsesioñoren bat ere konpartituko duzun itxaropenarekin. Erreferente jasoak, literarioak, pentsalarien maxima biribil eta iraunkorrak eskura izatea komeni da, noski; klasikoak beti dira lur irmoa eguneroko zingiran ez hondoratzeko. Baina zergatik ez graffitiak, pop kultura eta kalean aliritzira entzundako elkarrizketa zati guztiz apetatsuak, bidaietan bizi izandakoak, haurtzaroko oroitzapenak? Marmolean idatzitako esaldiekin soilik ez goaz inora; ongi etorriak zatar paperak eta post-it-ak. Teknika eta baliabide guztiak erabiltzen ditu Jose Mari Pastorrek, tamainan eta neurritsu, egunkari batean zerbitu daitekeen koktelik osatuena eskaintzeko: dotorea, garratza, ongi sedimentatua. Batek daki nola, bere iritziekin bat egin dezagun lortzen du beti, zerbitzatu digun edabea hurrupatu ahala buruaz baietz-baietz egiten dugularik, bere arrazoien indar ideologiko zein kasuistikoak alubioi batek bezala arrastaka eramaten gaituen bitartean. Noiz defentsaren eta noiz fiskalaren rolak bere eginez aztertzen ditu gairik arantzatsuenak, josteta serioan edo ironia finez, irribarre maltzurrez, umore sal(b)atzailez. Bere probokazioak pertinenteak dira oso, baita –bereziki– inpertinenteak direnean ere. Gustatzen zait pentsatzea, egunkarian leiho bat ematen diotenean, leiho horren presentzia azpimarratzeaz haratago, leiho horretatik ikusten diren beste leiho batzuk seinalatzea dagokiola idazten duenari, eta horretan, maisu dugu. Rear Window hartako James Stewarten gisan, geure mundutxoko atzeko patioa erakusten digu asterik aste. Fikziozko narratzailerik onenek bezala, geure kontraesanik mingarrienetan murgiltzen asmatzen du, “bestea” deritzogun horren larruan sartzen da –trabestismo modu bat ere badenez kazetaritza–, eta era kontziente edo inkontzientean guk “bestearengan” dugun (eta “besteak” gugan duen) portzentaia horri atximurka egiten dio errukirik gabe. Tentazioa handia da, prentsan ere, talaiako profetarena jokatzekoa. Nola izan Nostradamus, ordea, gertaeren abaila profeziena baino handiagoa denean? Nola, asmatu edo huts egindakoengatik inork kargurik hartzen ez dizunean? Hausnarketa gehiagorekin eta memoria sakonagoarekin, beharbada? Gertaerak eta garaiak josi eta saretzeko gaitasunean ez dauka Pastorrek parekorik: (ahaztu) ditugun datuak elkarrekin harremanetan jartzea aski baita askotan artikulu on bat idazteko. Obturadorea zabalegi dagoenean ixtea eta mira estuegia denean zabaltzea. Denboraren makinarekin apurtxo bat bidaiatzea. Pastorrek bere du eszentrizitatearen bertutea, hitzaren zentzurik literalenean: ispilu berberaren aurrean jartzen ditu itxuraz elkarrekin zerikusirik ez duten elementuak, halako moldez non ispiluak erakusten baitigu zerikusirik ez zutela adierazi nahi izan zaigun bi egoera horiek –surprise, surprise– berdinak direla. Hipotesi hedatuaren teknika ere baliatzen du usu horretarako, diren eta ez diren mundu paraleloetan barrena promenarazten gaitu. Hitzetan eta ekintzetan dauden iruzurrak seinalatuz, Non dago Wally? albumetako Wally pertsonaiak bezala, errege biluziak seinalatzen dizkigu etengabe. Izutu ere egiten gara zenbatzen hasitakoan, aizue. Goizero ispilu aurrean topatzen dugunarekin aski ez eta, zenbat eta zenbat errege biluzi leihotik ageri! Wally barik... non dago Darwin, ordea? Espezieek eboluzionatzen al dute batere? Ezezkoan geundeke, Pastorren lanak irakurriko ez bagenitu. Harkaitz Cano (2018ko otsaila) Tolosako eskaleak Geltokiaren aurreko ubidea aterpe dute eskaleek. Emakume presatuak horretaz ohartarazi gaitu Canal du Midi nondik zeharkatu galdetu diogunean. «Ez da oso atsegina hemen ibiltzea, arlotez beteta baitago. Hobe duzue Wilson plazara joan eta zerbait hartu». Ubidera begiratu eta herritar ikusezinak ikusi ditugu: lau gizon botata, botilak eskuan. Gabonetako arbola txiki batean apaingarri dirdiratsuak eskegi dituzte: garagardo eta Coca-Cola lata koloretsuak. Ehun bat metrora, eskale bakarti bat dago, zubiaren azpian etxea egin duena: hortxe ditu bere fardelak, koltxoia, altzari zaharrak. Hortxe ditu arropak eskegita. Arropak etxean eskegita utzi dituzte Donostiako denda ezagun batera kulero eta galtzontziloetan joan direnek, eskaintza paregabeak erakarrita: merkealdiko lehen egunean produktuak dohainik eman dizkiete ia larru gorritan bertaratu diren bezeroei. Ekimenak izandako oihartzunak etekinik ekarriko zion, bai, dendari. Erosle aktiboen eta begirale pasiboen laguntzaz ohi baino gehiago saldu du, seguruena. Gainera, dendaren izena egunkarien webguneetan dugu ikusgai atzodanik, eta gaur ere idatzizko edizioetan agertuko zaigu. Publizitate ederra, xentimorik ordaindu gabe: ez ekimenaren berri eman duten hedabideei, ezta modelo eta maniki agertu diren gizon eta emakumeei ere. Krisi garaian, kontsumoa bultzatzeko ekimen txalogarria da Donostiakoa. Eta, bide batez, paketea zuzenean markatzeko aukera, zurikeriarik gabe: utzi suhiltzaileen eta besteren argudioak giharrak erakutsi edo gorputz ederrei damu barik begiratzeko: pobreekiko elkartasuna, aitona-amonentzako dirua biltzea, bla, bla, bla... Sen primarioenei bide emateko ez dut elkartasunaren aitzakia behar: garaje batera joan, Pirelli egutegiari begiratu eta segituan asetzen naiz. Hedabideek nabarmendu dutenez, Donostiako ekimenean parte hartu duten gehienak 20-30 urte bitarteko herritarrak izan dira. Big Brother belaunaldiko gazte bat hala agertzeak ez du meriturik baina. Meritua Egi Bidean programaren jarraitzaileek izango lukete. Jende mordoa biluzik hiriburuaren erdian. Niri bost. Egin dezala bakoitzak nahi duena bere gorputzarekin, albokoa zipriztintzen ez badu. Duela urte batzuk lagun talde bat epaitu zuten eskandalu publikoagatik Gipuzkoan, Goierriko taberna batean kubata eta kruasana galtzontziloetan gosaltzeagatik. Absolbitu gintuenean epaileak ahora eraman zuen eskua, barreari eutsi ezinik. Orain ez da eskandalua barruko arropetan ibiltzea, batez ere kontsumoa bultzatzeko bada. Harritu egin nau, ordea, biluzteko arrazoiak, ekimenaren zioa ez baita arropa dohainik lortzea, arropa gehiago musu-truk lortzea baizik. Helburua ez da arropa benetan behar dutenei oparitzea, bezero gehiagori erosteko premia sorraraztea baizik. Biluztasuna kontsumorako erakargarri bihurtu dute, baina matxinada ekintza ere bada, boterearen kontra erabiltzen bada. Protesta politiko, ekonomiko edo ekologistetan, esate baterako. Moda denda baten aurrean larru gorritan geratzea morrontza edo errebolta izan daiteke, betiere zertarako biluzten garen: arropa fashion batzuk dohainik lortzeko ala arropa horiek ekoizten dituzten eta enpresa jakin batek esplotatzen dituen Bangladesheko umeen eskubideak aldarrikatzeko. Okzitaniako Tolosako eskaleei Donostiako dendan sartzen utziko zieten atzo, todo a cien-eko galtzontzilo ziztrin zikinetan joan balira? Minareteak Urdaibain Behin batean bazen Bizkaiko armadore bat, hegaluzearen denboraldia amaitu eta Mediterraneoko kostaldera joaten zena, beste arrain batzuen bila. Gizona Levante aldeko herri hartako taberna-kafetegi-klub dotoreenean sartzen zen, egunean zenbateko kutxa egiten zuen galdetu jabeari, eta diru hori baino gehiago biltzen zuen billete berde mordoa ipintzen zuen barraren gainean: «Itxi lokala. Gaur neu izango naiz zure bezero bakarra». Bapo bizi ziren, urrezko urte haietan, arrantza munduan negozioa zutenak. Etxe eta auto ederrak, arrain-dolarrei esker. Dirua barra-barra irabazi eta barra-barra gastatu. Basque Coast Way of Life, yeahhhh. Arrain-dolarrak amaitu egin dira gurean, baina badirudi laster petrodolarrak etorriko direla. Lehen gure enpresariek egiten zutena Golkoko monarkia guztiz demokratiko eta aberatsetako eliteak egingo du orain. Horixe iradoki du Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Isabel Muelak Qatarren, Patxi Lopezek bertara eginiko bisitan. Bezero dirudun horiek etortzea nahi du Jaurlaritzak, luxua maite dutenak. Muela andrearen ustez, hiper-mega VIP turistek pribatizatu egingo dituzte jatetxeak edo hotelak, zenbait kasutan. Hau da, hotel osoa hartu, soil-soilik haien familiaren eta segizioaren zerbitzuko. Armadore hark behinola bezala egingo dute, baina diru askoz, askoz, askoz gehiagorekin. Ezin konparatu bilbotarkeriak eta qatartarkeriak. Euskaldun aberatsok ez ditugu morito pobreak nahi alboan. Arabiar aberatsek ez dituzte gustuko vasquito pobreak; ez dituzte maite gure sagardo hatsa eta gure korroskadak. Gasteizek herrialde arabiar horietako turistak erakarri nahi ditu Espainiako eskualde aberatsenetakora. Bai, halaxe definitu dute EAE Dubain egindako ekitaldi ofizial batean. Lehenik, Espainia; gero, eskualdea. Horixe gara, azken batean. Gauzak argi, eta txokolatea lodi. Eskerrak ez duten gure aberastasuna laudatu Eustatek langabe kopuruaren igoera kezkagarriaren berri eman duen egunean. Lehen industri moldaketa izan eta gero, eta bigarrena hemen dugula ohartuta, nago turismo herri bihurtuko ez ote garen, euskal enpresek herrialde arabiar horietan lortuko omen dituzten kontratuak gorabehera. Edo, akaso, jarduera industriala eta turistikoa bateratuko dituen eredu oraindik zehaztu gabea garatuko dugu. Sasoi berrietara moldatu behar. Ez haserretu Sheraton, Carlton eta Londres hotelak soilik xekeentzat badaude zabalik, gure futbolariek kontzentratzeko leku egokirik izan ez, eta partida galtzen badute. Edo Hondarribiko paradorean Ilargierdiaren bandera ageri bada. Berdin Guggenheim berriak arabiar aberats asko biltzen baditu, eta meskita bat eraikitzen badute Urdaibain. Kristau integristaren bat kexatzen bada, minareteak 37 zentimetro moztu eta arazorik ez. Gure bisitarien konkubinaren bat burka eta guzti badator, hor ere protestarik ez. Poderoso caballero es don dinero. Non zaude, Quevedo? Aberastu egingo gara. Eta ikasi, mundura zabaltzen ikasi. Eta hurrengo batean, EAEko lehendakari bat Qatarrera doanean, eta emirraren andrearekin elkartzen denean, ez gara harrituko egunkari batean argazki oin hau irakurtzean: «Halaxe hartu zuen emirraren andreak lehendakaria». Halaxe? Halaxe, bai: soineko beltz dotorea jantzita, burutik orkatiletara. Zer espero genuen, ba? Qatarko emirraren andrea tanga brasileiroan eta Ron Collins bat eskuan agertzea Lopez jaunaren aurrean? Rudolfen itzala Irlanda iparraldekoa zen, eta arazoak izan zituen bertan. Izan ere, protestantea zen, baina irlandarren batasuna onartzeko prest zegoen. Horrek gatazkako bi aldeak molestatzen zituen. Azkenean, hanka egin behar izan zuen. Hemengo bozak izan ziren egun batean gurean egon zen. Telebistan emaitzak ikusi, eta abertzaleak zeintzuk ziren galdetu zidan. «Alderdi gehiegi. Horrela inoiz ez duzue ezer lortuko», esan zuen. Joera ez da biziki aldatu geroztik. Euskal abertzaleak, banatuta. Espainolak, batuta, «interes nazionala» gogoan. Bihar alderdi berria aurkeztuko du ezker abertzaleak. Espainiako Justizia ministro Francisco Caamañok argi utzi du ez duela onartuko «Batasunaren segida» den alderdirik. Batzuek kuarentena eskatu dute ezker abertzaleko kideentzat. Bada horiek naziekin konparatzen dituenik ere. Antonio Basagoitik behin baino gehiagotan egin du. Hona iazko urrian Vanity Fair aldizkariari esan zizkionak: «Hitler eta alderdi nazia dira adibideak. Führer-a hil ondoren, naziei ez zieten bozetan parte hartzen utzi». Berriz entzungo ditugu halakoak. Nazien ondorengoak erakundeetatik kanpo omen daude Alemanian. Gezurra. Alderdi naziaren segida den alderdia —Caamañok esango lukeen moduan— legezkoa da bertan. Alemaniako Alderdi Nazionaldemokrata (NPD) landerretako legebiltzarretan dago: Saxoniako legebiltzarrean zortzi diputatu ditu —aurreko legegintzaldian hamabi zituen—, eta Mecklenburgo-Pomeraniako ganberan, sei. 2005ean Alemaniako barne inteligentzia zerbitzuek hauxe azaldu zuten txosten batean: «NPDren adierazpenek antza dute, funtsean, nazionalsozialismoarekin». NPDk demokrazia parlamentarioa «bota» nahi duela zioen txostenak, «nahiz indarkeria baztertzen duen, arrazoi taktikoengatik». Hala ere, Alemaniak ez du debekatu. Iraganaz damu da NPD? Ez. Udo Voigt, NPDko presidentea, lasai ageri da Rudolf Hess gerra kriminal nazia omentzeko ekitaldietan, haren argazkia atzean duela. Hess martiria izan zela dio. Rudolf Hess, alderdi naziaren burua eta Estatu ministroa izan zena, martiria! Voigt ez dute horregatik auzipetu. Arnaldo Otegi, berriz, kondenatu egin zuten Jose Migel Beñaran Argala gogoratzeko ekitaldi batean parte hartzeagatik. Argala, Francoren garaian ETAn sartu zena eta 1978an indar parapolizial espainolek hil zutena. Nazismoa gaitzesteko eskatzen diote NPDri? Ez. Ezta biktimak errespetatzeko ere. 2005ean minutuko isilunea egin zen Alemanian, holokaustoak hildakoak omentzeko. Saxoniako legebiltzarrean ekitaldia hastear zegoen unean, NPDko hamabi parlamentariak ganberatik irten ziren. Omenaldia lehertuta. Ez zitzaien deus gertatu. Ados egongo gara —edo ez— Alemaniaren barne politikarekin, baina ez da etikoa historia eta errealitatea manipulatzea, gezurrak hedatzea. Naziak eta ezker abertzalea parekatzea argudio politiko ahula baino zerbait askoz larriagoa da: errebisionismo historikoa, hemengo errealitatea nazismoarekin konparatzea holokaustoa erlatibizatzea baita. Nazismoaren biktimak iraintzea. Hemen inork ez dio aurrekoa baino gehiago denik. Hemen inork ez du 1.000 urtean iraungo duen inperiorik sortu nahi, beheko arraza edo herrien kontura. Hemen, gizartearen zati handi bat dago, munduko herri libreen parean bizi nahi duena. Ez eskubide gehiagorekin, baina ezta eskubide gutxiagorekin ere. Besterik ez. Ian Bretainiako herri batean bizi da egun, andre italiar batekin. Garagardoa haren etxean edaten du orain. Tiririca Hasi dira bilerak Brasilgo legebiltzarrean. Bozen ostean aurpegi berriak agertu dira ganberan, haietako batzuk oso ezagunak herrialdean: Romario futbolari ohia, Acelino Popo Freitas boxeolaria izandakoa, Big Brotherprogramako protagonista bat? Baina oihartzun mediatiko handiena Francisco Everardo Oliveira Silvak lortu du. Tiririca izen artistikoaz ezaguna da Oliveira Silva, eta pailazoa dugu. Haren mezuak sostengu handia jaso du Sao Paulo estatuan, milioi bat boto baino gehiago bereganatu dituelako. Hauxe izan da haren kanpainaren leloa: Orain baino okerrago ezin. Pailazoa legebiltzarrean. Parlamentari hautatu berriari analfabetoa izatea leporatu diote aurkariek, eta Tiriricak azterketa bat egin behar izan du irakurtzen eta idazten badakiela frogatzeko. Proba gainditu du, mihi gaiztoek kostata izan dela dioten arren. Europan inori ez zaio halako frogarik eskatzen. Denok omen dakigu idazten eta irakurtzen. Analfabetismo kultural eta linguistikoa eta hari lotutako gorrotoa eta maltzurkeria, aldiz, ez dira desagertu. Kirol munduan egunotan izandako bi gertaera ditugu adibide. Igandean Gironako entrenatzaileari aurre egin zioten Huescan, Kataluniako hedabideei katalanez erantzuteagatik. Raul Agne katalan hiztuna da, eta aragoitarra jaiotzez, Mequinensakoa. Herria Franja de Ponent delakoan dago, katalanez egiten den Aragoiko eskualdean. Estatistiken arabera, hantxe ematen da katalanaren ahozko ezaguera handiena, herritarren %88k egiten dutelako katalanez. Paradoxa: portzentajean katalanaren ahozko ezagutza non izan handiena eta Kataluniatik kanpo, herri txiki horietan. Mequinensako Udalaren web-orria gazteleraz idatzita dago, baina herrian argi uzten dute gaztelera hizkuntza ofiziala bada ere, ama hizkuntza eta kale hizkuntza katalana dela. Bertakoa zen Jesus Moncada idazlea. Huescakoak bezain aragoitarra dela esan du Agnek, katalanez egin arren, baina hangoek baztertu nahi izan dute, Mequinensako herritar gehienen ama hizkuntzaz mintzatzeagatik. Euskal Herrian ere ika-mikak. Jose Luis Mendilibar Osasunako entrenatzaile berria hedabideei euskaraz erantzuten hasi denean, Patxi Izko presidenteak euskaraz esandakoa itzultzeko eskatu dio. Euskaraz galdetu duen kazetariari ironia maltzurrez aritu zaio Izko: «Bazeneukan gogoa euskaldun bat etortzeko, ezta?». Izko jauna, bistan da, ez da oso eroso sentitzen inguruan euskara entzuten duenean. Bere hitz egiteko eran eta berbak aukeratzeko moduan antzematen zaio. «Euskaldun bat etortzea». Nafarroan euskaldunak sioux modukoak dira, erreserbetan ondo gordeak, ofizialtasun mugatu eta guztiz irrealaren esparruan. Urdiain edo Arbizuko euskaldunak jasan beharreko anormaltasuna dira, nonbait. Alien taldea, nafarkeria espainolistaren defendatzaileen ustez. Etxepare eta Axular, euskal literaturako erreferentzia historiko handienetakoak, nafarrak zirela ere ez dakite. Edo ez dute jakin nahi. Horiek ere anormalak ziren Nafarroan. Izko jauna eta bera bezalakoak pozik egongo dira Nafarroako Parlamentuak ez duelako onartu euskara ofiziala izatea. Euskara ofiziala? Halakorik ere! Ofizialtasuna eskatzea politika egitea dela argudiatu dute proposamenaren aurkakoek. Pailazorik agian ez, baina analfabeto kultural linguistiko maltzur askotxo bai, gure politikarien artean. Arrazoi du Tiriricak. Orain baino okerrago ezin. Nekez. Llangollengo bildotsak 1987ko udan Galesera joan ginen Garth, Mike, John eta laurok. Bidaiako lehenengo eguna Manchester aldean eman ondoren, Llangollenerantz abiatu ginen. Galesko paisaia berdea, garbia, idilikoa iruditzen zitzaidan, abere haiek ikusi nituen arte. «Zergatik dute ardi horiek marka gorri bat gorputzean?», galdetu nuen. «Txernobylgo erradioaktibitateak kutsatuta daude», erantzun zuen Garthek. Ukrainako hondamendi nuklearretik ia mende laurden pasa bada ere, arazoa ez da konpondu. Haizeak milaka kilometrora, Gales iparralderaino, eraman zuen Txernobylgo erradioaktibitatea, eta euri bortitzak goiko larreetan utzi zuen. Pozoiak han segitzen du. Daily Post egunkariak horren berri eman zuen iazko udan (http://www.dailypost.co.uk/news/north-wales-news/2010/07/06/farmers-in-wales-still-stalked-by-chernobyl-55578-26791477/) Galesko 300 abeltzainek baino gehiagok ezin dituzte 180.000 bildots saldu. Gobernuko funtzionarioek abereen erradioaktibitate maila neurtzen segitzen dute, bildotsak bazkan dabiltzan larreak oraindik ere kutsatuta daudelako. Glyn Robertsek, Galesko Nekazarien Elkarteko presidenteordeak, badaki haiena ezer gutxi dela Ukrainako egoeraren aldean: «Guretzat zama bat da, baina haientzat heriotza mehatxua. Gurea oso ordain txikia da haienarekin konparatuz gero». Noiz arte egongo dira kutsatuta Galesko larre eta bildotsak? Noiz arte izango da Fukushima lur errea? Ez dut ulertzen Japoniako lurrikarak eta tsunamiak zentral nuklearrean eraginiko istripuaren harira hemengo botereak hedatu nahi izan duen mezua. Orain ez omen da unea zentral nuklearrei buruz mintzatzeko; emozioek ez omen digute laguntzen afera osotasunean eta modu egokian ulertzen. Lasai heldu behar zaio gaiari, antza; hoztu egin behar dugu, bestela ez ditugu-eta ondo ulertuko orain hozteko eskatzen digutenek gero kaskoak berotzeraino errepikatuko diguten leloa: energia nuklearra beharrezkoa, garbia eta segurua dela. Orain ez omen da eztabaidatzeko unea. Horixe nuklearren aldeko agerikoen eta ezkutukoen zinismoa. Orain ez bada, noiz izango da, ba? Ustezko segurtasuna erabiltzen dute, bai, argudio gisa, baina ezustekoren batek segurtasunaren ispilua birrintzen duenean, segituan alboratzen dute gaia. Inoiz lortuko ez den erabateko segurtasuna saltzeko neurrien berri ematen dutenean, badugu baimena gaia aztertzeko. Energia nuklearraren arriskuak gordin ageri direnean, ordea, aparkatu egin behar da auzia. Umeak bagina bezala tratatzen gaituzte. Burua hotz eduki behar omen da. Herri honetan erabaki asko, gehiegitxo, hartu dira bero-beroan egoera hotzean aztertu barik —gure egoera politikoari eragiten dioten ebazpenak datozkit gogora—. Erabaki horiek beroan bultzatu dituzten politikariak dira orain energia nuklearraren gaia hotzean aztertzeko eskatzen digutenak. Kopeta ederra gero! 1972an zentral nuklearra eraikitzen hasi ziren Zwentendorfen (Austria), Vienatik 32 kilometrora. Plantaren kontrakoek mugimendu handia eratu zuten. Protesta ekintza asko izan ziren, bederatzi amak Bruno Kreisky kantzilerraren egoitza instituzionalaren aurrean eginiko gose greba kasu. 1978n erreferenduma egin zuten Austrian: boto-emaileen %50,47k zentralaren kontra bozkatu zuten. Hortxe amaitu zen kontua. Lanak gelditu egin ziren. 2009an eguzki energia planta ireki zuten Zwentendorfen. Energia atomikoa ekoizteko zen eraikina energia naturala sortzeko tresna da egun. Prostitutak Gaizkile talde batek bi urteko umea bahitu eta atxiki du, haren ama —legez kanpoko etorkin nigeriarra— prostituitzera behartzeko. Haurra Espainian zuten gaizkileek; ama, aldiz, Italian zegoen mehatxatuta, Erroman. Espainia eta Italiako poliziek harrituta eman dute gertatutakoaren berri. Denetik ikusi omen dute, baina halako kasurik inoiz ez. Duda egiten dut PPko kideek eta terrorismoaren zenbait biktimak Nigeriako emakume horri eta, oro har, mundu zabaleko prostitutei erruki edo errespetu txikienik ere izango ote dieten. Baten batek galdetuko du zergatik lotzen ditudan eskuin espainiarra, berez muturreko eskuinaren ordezkaria ere badena, eta alde bateko indarkeriak eraginiko biktimen kolektibo bat prostituzioarekin. Biktimak eta prostitutak gauza bera al dira, ba? Batzuek hala uste dute. Martxoaren 11n Pilar Manjonek eta Madrilgo atentatuetako biktimen elkarteko beste kide batzuek kontatu zutenez, atentatuaren zazpigarren urteurrenaren harira Espainiako hiriburuko alkateorde Manuel Coborekin elkartu ziren, eta El Pozoko geltokian oroigarririk jarriko ote zuten galdetu zioten. PPko zinegotziaren erantzuna ezin doilorragoa izan zen: «Edozein egunetan monumentu bat egingo diegu Monterako putei». Adierazpen horien bidez M-11ko biktimak eta Madrilgo putak iraindu nahi izan zituen PPko politikari txit ohoragarriak, baina bere burua baizik ez zuen lotsagarri utzi, zitalkeria moral hori zela eta. Cobok M-11ko biktimak eta prostitutak konparatu zituen. Zergatik? Biktima horiek ez direlako ETAren biktimak. Gainera, Cobok eta PPko zenbait kidek ez diete barkatzen konspirazio faltsuen aurrean makurtu ez izana. Ondorioz, ez dute errespeturik merezi. Prostitutak omen dira. Alta, Cobo jaunaren portaerak baino askoz gehiago asaldatzen du beste batzuen erreakzio ezak. Adierazpen askatasunaren mugak nahierara zehazten dituen estatuak ez du ezertxo ere esan aferari buruz. Beste zenbait kasutan, ostera, badaki zorrotz jokatzen: urtebeteko kartzela zigorra Espainiako erregea torturatzaileen burua dela esateagatik, adierazpen horiek neurri handi batean logikoak direnean: zuk enpresa bat badaukazu, bertako buru guztiz boteretsua bazara eta, zure enplegatu batzuek iruzur egin arren, isiltzen bazara, iruzurgile horien burua zara, onean eta txarrean. Askoz ilogikoagoa da M-11ko biktimak eta prostitutak alderatzea. Haien minari barre egitea. Jokaera horri ez diote jazartzen, baina. Beste horrenbeste esango nuke AVTko jendearen inguruan. Zer ez zuten esango PPk M-11ko biktimei eginiko iseka ETAren biktimei egin balie Euskal Herriko udal bateko zinegotzi batek, horiek monumentu bat eskatu eta hauxe esan balie, Bilboko prostitutak gogoan: «Edozein egunetan monumentu bat egingo diegu Palankako putei». AVTkoek amen batean jarriko zuten kereila auzitegian. Baina burla PPko politikari batek egin du eta M-11ko biktimen mina ez da ETAk eragina. AVT eta PP, besteak beste, gaur zortzi aterako dira Madrilgo kaleetara Espainiako gobernuaren kontra egiteko eta ETArekin negoziaziorik ez izateko eskatzeko. Biktima horiek justizia nahi omen dute, beren justizia. Tellagorri zaharrak, Pio Barojaren pertsonaiak, hauxe zioen: errespetu handiagoa ziola ur-txakur bati herriko apaizari baino. Nik errespetu handiagoa diot Montera eta Palankako prostituten jarduerari zenbait biktimaren jokaerari baino. William & Kate Zerga iraultzailea eskatzeari utzi egin diola jakinarazi du ETAk. Albiste pozgarria da, gurean den indarkeriaren alde bat desagertzeko bidean dagoela erakusten duelako. Enpresarien buruak itxaropentsu azaldu dira, eta «beste terrorismo mota bat» ere baztertzeko eskatu dute, enpresari txikien aurkakoa: mehatxuak, pintadak, eta abar. Enpresariek erantzukizun sozial bat dute —erakundeek eta beste eragileek bezala—, eta horrek bi alde ditu haien kasuan: batetik, lana sortzen dute; bestetik, etekinak lortzen dituzte. Inork ez du enpresarik sortzen dirua galtzeko. Inozokeria litzateke. Arazoa hauxe da: noiz egiten duten talka erantzukizun sozialak eta etekin nahiak; batzuen diru gosea inoiz asetzerik ote dagoen. Zuk enpresa bat baduzu, oso ondo dabilena eta dirua ematen dizuna, baina beste leku batera badaramazu gehiago irabazteko, non uzten duzu erantzukizun soziala hazkundean lagun izan dituzun herritarrekiko? —lanpostuen truke, ados—. Enpresarien kolektiboak arrazoi du bere interesei begiratu eta «beste terrorismo mota bat» desagertzea nahi duenean. Enpresariak ez diren beste eragile sozial batzuk ere zuzen daude beste indarkeria mota batez kexu direnean. Lehengoan Slavoj Zizek filosofoak «terrorismo administratiboa» aipatu zuen egunkari honetan eginiko elkarrizketan. Alegia, zer gertatzen den munduan «munduan ezer gertatzen ez denean». Zer gertatzen den ETAk enpresariak mehatxatzen ez dituenean. Terrorismo ekonomikoa desagertzen da? Ez dago dudarik: zerga iraultzaileak ez ditu enpresari asko motibatu aurrera egiteko, baina hori aitzakia moduan erabili duenik ez dagoela pentsatzea ergelkeria da. Orain aukera ezin hobea dute gure enpresariek erantzukizun sozialari eusteko, ETAren mehatxurik gabe: deslokalizaziorik ez egiteko, langileek urteetan lortutako eskubideen kontra ez egiteko —hori ere kontratu sozialaren zatia da—, kaleratze mozorroturik ez egiteko, legea bete eta lan osasunaren aldeko neurriak ezarri eta errespetarazteko. Enpresariei ez zaie eskatzen Giangiacomo Feltrinellik bezala jokatzeko, jatorri aristokratikoari uko egin eta, argitaletxe aitzindari bat sortzeaz gain, iraultzaren aldeko bonbak jartzen hiltzeko. Lekutan daude Italiako langileek Fiat edo Pirelliko jauntxoen kontra 60ko hamarkadaren bukaeran egiten zituzten zigor ekintzak. Enpresariei ez zaie eskatzen lelo marxista besarkatzea: bakoitzak bere gaitasunaren arabera, bakoitzari bere beharren arabera. Kontua errazagoa da. Antonio Gamoneda poeta espainiarrak zorrotz azaldu zuen duela gutxi: «Akats humano handiena enpatiarik eza da, gizakiak hauxe pentsatzea: hor mundu bat dagoela eta hortik ahalik eta etekin handiena atera behar duela. Gizaki hori berea ez den oinazeari sorgor izatea». Hemengo hedabide gehienen edizio digitaletako albiste nagusia printze baten semearen ezkontza izan zen atzo. Espainian, Madrilek administratutako Euskal Herria barne, ia bost milioi langabe daudela bigarren mailako albistea genuen. Barkatu esatea, baina gizartea hala narkotizatzea ere indarkeria da. «Zergatik ez duzu neska-lagunik?» —galdetu zion lehengoan tabernan mutil batek lagunari—, «hipoteka edo alokairua erdi bana ordainduko zenukete». Neska batekin hasi, etxea ordaintzeko. Krisiak erromantizismoa hiltzeraino eraman gaitu, baina ez beti: William eta Kate ezkondu egin zaizkigu. Hara! Erdi bana ordainduko dute alokairua? Gasteizko bananondoak Duela urte batzuk proiektu erraldoi bat aurkeztu zuten Alemanian, Baden-Wurttemberg landerrean, tren garraio-sistema aldatzeko. Stuttgart hiriburuan geltoki berria lur azpian eraikitzea zekarren horrek, eta inguruko parkeko hainbat zuhaitz botatzea. Geltokiaren gaineko orubeetan etxebizitza berriak, merkataritza guneak eta abar eraiki nahi zituzten. Herritar asko kontra bazeuden ere, lanak 2010eko otsailean hasi ziren. Proiektuaren aurkakoen manifestazioak areagotu egin ziren orduan. Landerrean CDU Batasun Kristaudemokrata zegoen agintean, FDPko liberalekin batera. Gatazka konpontzeko bitartekaritza foroa sortu zuen gobernuak, proiektuaren aldekoak eta kontrakoak elkartu eta haien iritziak jasotzeko. Azkenean aldaketa batzuk onartu ziren. Aurtengo martxoan bozak izan ziren Baden-Wurttembergen, eta CDU-FDP koalizioak ez zuen boterean segitzeko beste botorik lortu. Ondorioz, gobernua osatu dute Berdeek eta SPDko sozialdemokratek. Ekologistak Stuttgart 21 proiektuaren kontra daude; sozialdemokratak, alde. Azken hitza herritarrei eman diete. Erreferenduma urrian izango da. Stuttgarten gertatutakoa etorri zitzaidan gogora asteartean, Patxi Lopezek bere mezu apokaliptiko eta demagogikoa hedatu zuenean. Lopezen arabera, Euskal Herria «gelditu» egingo litzateke Bilduk boterea hartuko balu. Bestalde, Txarli Prieto sozialistak esan du Bilduren programak «banana errepublika» bat ekarriko lukeela. Azpiegiturak eta proiektu guztiak bertan behera utziko omen lituzke. EAJ eta PP ere antzera mintzatu dira. Bildu guztiaren kontra omen dago; harekin ez dago aurrera egiterik. Bilduk ez du azpiegiturak egitea debekatu nahi. Koalizioak garrantzi handiko gaiei buruz eztabaidatzea proposatu du, eta herritarren iritzia kontuan izatea. Hemengo zenbait agintari kudeaketarako gaitasuna eta label demokratikoa eskatzen ari zaizkio aurkari politikoari. Nago Bilduk ez ezik, beraiek ere badutela zer ikasi. Lezioak ematen hasi aurretik Stuttgartera joan beharko lukete, krisiak eta desadostasunak eztabaida irekian eta herritarren parte hartzearekin nola kudeatzen diren ikusteko, goitik ezer inposatu gabe. EAJk asko ikasiko luke CDUtik; eta sozialistek, SPDtik. Stuttgart 21 proiektuari buruzko eztabaida foroko bitartekaria Heiner Geissler izan zen, CDUko buruzagi historikoa. Geisslerrek demokraziaren eta herritarren arteko harremanen inguruan hitz egin zuen Der Spiegel aldizkarian, 2010eko abenduan. Hona haren adierazpen batzuk: «Botoa emateko eskubidearekin batera, herritarraren oinarrizko eskubide garrantzitsuena hauxe da: hauteskundeak izan arteko denboran ere bere ustez zer den zuzena esatea». Eta herritarren aldarrikapenei buruz: «Herritarren ekimenak gizarte zibilaren ekimenak dira, helburu batekin: demokrazia zuzenera gehiago hurbiltzera ausartzea. Legebiltzar baten zeregina legeak proposatu eta onartzea da, baina ez geltoki edo energia plantei buruz erabakitzea. Parlamentariak ez dira horretarako aukeratzen. Hori demokrazia ordezkatzailea faltsutzea da». Baden-Wurttemberg Alemaniako lander aberatsenetakoa da. Bertan daude Mercedes, Bosch, Porsche, IBM... Langabezia %4,2koa dute. Gazteen artean %2,7koa da portzentajea —%43koa Espainian, ia %30ekoa Hego Euskal Herrian—. Stuttgarteko gobernuak egindakoa XXI. mendeko demokrazia europar ez perfektu baten jokaera da, ez banana errepublika batena. Garrantzi handiko aferetan erabakitzeko herritarrei zuzenean hitza emateak sistema demokratikoa sendotzen du. Lau urtean behin bozkatu eta bitartean isilik egoteko eskatzea, ordea, jauntxo erresuma baten oinarria da. Macondon eta Gasteizen. Chimezieren lagunak Baduzu George Michaelen azken aferaren berri? Intziri asko egiten du Samantha Foxek ohean? Aktore horren taketa zenbat zentimetrokoa da? —barkatu, zenbat inchekoa, Britishen zakilak ez baitira zentimetroetan neurtzen—. Fine Young Cannibalseko kantaria orgia batean egon da? Guk badakigu hori; hementxe duzu testigantza… Halako kazetaritza egiten zuten duela urte batzuk The Sun egunkariak eta News of the World haren igandekariak; halaxe egiten segitzen dute orain. Atzoko The Sunek hauxe azaldu zuen azalean: King's of Leoneko kantari Caleb Followillek emaztearen dei bat jaso zuen kulero moreak janzten ari zela esateko. Andrea, Lily Aldridge, Victoria's Secret enpresaren modeloa da, baina sekretu gutxi dago haien bizitzaren inguruan. Nork helarazi zion informazioa egunkariari? Kazetariek erositako mihi luzeek? Bikotearen lagunek? Protagonistek beraiek? Egunero milioika irakurlek hartzen dute The Sun esku artean. Rupert Murdochen egunkaria gehien irakurtzen dena da Londresen, Erresuma Batuan bezala. Hiriburuko eskualde guztietan ditu irakurleak: High Barnet kontserbadorean, Golders Green auzo juduan, Kilburn gune irlandarrean, Kensington aldeko pijoen habian, Aldgateko cockney jatorrenen artean, Brixton «arriskutsuan»… Chimeziek ere The Sun erosten zuen, eta Margaret Thatcherri botoa eman behar zitzaiola esaten zuen Tally Ho Cornerreko pubean, egunkaria erakutsita. Tabloideak iruzkin arrazistaz jositako artikuluak argitaratzen zituen, baina horrek ez zion ardura jatorri nigeriarreko lagunari. Gainera, Maggie —hark hala deitzen zion— Finchley bertan aurkezten zuen Alderdi Kontserbadoreak, hauteskunde-barruti hartan. Pare bat garagardo edan eta gero, lanera joaten zen Chimezie, pozik. Lisa ilehoria zortziak aldean hasten zen beharrean. Lankide guztiak zoratzen zituen. Gehienak gizonezkoak, baina bazen emakumezkorik ere tartean. News of the World itxi behar izan du Murdochek entzuketen aferagatik, baina The Sun argitaratzen segitzen du. Hedabideak iritzi publikoa bideratzeko duen eragina itzela da. Zabor albiste horiekin batera, ideologia mota bat ere saltzen du, itxuraz politika kutsurik ez duten albiste horiek politikaz kutsatuta daudelako: pentsamolde libertarioa dute zentzurik kontserbadoreenean, oinarri nazionalista, klasista, matxista eta populista, adjektibo hori ez baita zenbait ezkertiarren monopolioa. Sean Horek, Murdochen enpresako kazetariak, egunkari horien joko zikina salatu zuen bere buruaz beste egin baino lehen. Gordin deskribatu zuen bere bizimodua: rock izarren gosaria hartzen zuen —koka tirito bat eta whiskya— eta gero zurrubiloan sartzen zen, festaz festa, jende famatuaren usainean. Horrela egunero, urteetan. Kazetari asko zebiltzan gisa horretan. Dinamika hori uzten zuena baztertu egiten zuten enpresan. Sekta bat ematen zuen. Zertarako izan kazetaria? Nola eta zertan eragin behar dio kazetaritzak gizarteari? Asko hitz egin da News of the Worldeko entzuketen auziaz. Aferak kritika sakona behar du. Azken batean, kazetaritza mota hori negozio handia da, herritarren zati handi batek bere egin duelako. «Herriak badaki, hutsezinezko usainari esker, noiz defendatzen dituen egunkari batek interes pribatuak, eta noiz publikoak. Eta hura erosteari uko egiteak mugatu egiten du egunkari horrek min emateko duen gaitasuna», idatzi zuen Joseph Pulitzerrek duela ehun urte baino gehiago. Herriak sudurra galdu ote du geroztik hona? Chimezieren lantokian hogei minutuko atsedenaldia zegoen bazkaltzeko. Lankide batzuek egunkaria irakurtzen zuten orduan. Egun batean The Sun ez zen egunkari bat eraman zuen lagun batek. «Zergatik erosten duzu The Guardian? Hau Finchley da», esan zion Ciarak. Neska zorrotza zen Ciara, Lisaren lagun mina. Irlandarra zen jatorriz, baina ez zen Kilburnen bizi, High Barneten baizik. Nork inkubatu du arrautza? Aurten 25 urte bete dira Olof Palme hil zutenetik, eta indarkeriak Eskandinavia astindu du berriz, oraingoan Norvegian. 1986ko otsaileko 28an ezezagun batek Suediako lehen ministroa tirokatu zuen Stockholmen, politikaria emaztearekin zinematik irten eta gero. Palme aurrerakoia zen: presio fiskal handia ezarri zion kapitalari eta demokrazia soziala garatu zuen, herritarrei guk hemen nekez ezagutuko ditugun zerbitzuak eskainiz. Etorkinei, esaterako, bidea eman zien jaioterritik irakasle bat eramateko Suediara, estatuaren diruaz seme-alabei ama hizkuntza irakasteko. Gamla Stanen, Stockholmeko alde zaharrean, ibiltzen ziren hegoamerikarrek azaltzen zizuten hori guztia —orduko Suedian anitz ziren Txile, Argentina eta Uruguaiko iheslari politikoak—. Palmek demokrazia industriala ere bultzatu zuen: langileen ordezkaritza enpresetako administrazio kontseiluetan, kasu. Hego Afrikako apartheid-aren kontra jardun zuen gogor, eta AEBen politika inperialistaren aurka —Sobiet Batasuneko askatasunik eza ere kritikatu zuen. Izan zen Palmeren hilketaz poztu zenik, eta ez soilik eskuinetik. Nire lagun batek «sozialdemokrata zikina» deitu zion hilketaren berri izan bezain laster. 1975ean, Suediako lehen ministroa zen garaian, Stockholmeko kaleetara irten zen Palme, itsulapikoa eskuan diru eske, Francok hiltzera kondenatutako borrokalariekiko elkartasunez. Alta, lagun haren ustez, Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kideren alde egin zuenak heriotza merezi zuen, sozialdemokrazia sistema kapitalista apaintzeko tresna baitzen. Pentsatzen genuenok iraultzak testuinguru historiko eta baldintza sozio-ekonomiko jakin batzuetan baizik ez direla ematen eta, bitartean, justizia sozialaren alde egitea aurrerapausoa dela susmagarriak ginen. Norvegiako atentatuen egileak Islamaren eta Europaz kanpoko etorkinen kontra ezer ez egitea leporatu dio Jens Stoltenberg sozialdemokrataren gobernuari. Erraza da erasotzailea zorotzat jotzea, baina zoro horrek ez du burua galdu fantasiak puztutako ameskerietan. Zoroak gizartean hedatua den pentsaeratik edan du. Haren mezua ez da arrazakeria klasikoan oinarritzen; arriskutsuagoa da. Izan ere, arraza edo herri batzuk beste batzuk baino gutxiago direla esatea defendaezina da gaur. Inork gutxik onartuko du kanpotik etorritako herritarren gaitasun intelektual edo fisikoak orokorrean gureak baino eskasagoak direla. Untermensch-aren teoriak ez du saltzen. Kultura desberdinetako kideak elkarrekin bizi ezin daitezkeela aldarrikatzeak, ostera, bai. Kasu honetan, kanpokoa ez da gu baino gutxiago, diferentea baizik, eta arriskutsua, gure bizimoduari erasotzen diolako. Horren arabera, erlijio, balio eta eredu kultural diferenteek kalte egiten diote bizikidetzari. Ez da zaila halako mezuak gizartean txertatzen, Ingmar Bergmanek Ormens ägg —Sugearen Arrautza— filmean nazismoaren sustraiei buruz erakutsi zuenez. Ildo horretan, eraso horien gaineko erantzukizun morala ere aipatu behar da, Daniel Poohlek, Expo arrazakeriaren aurkako aldizkariko zuzendariak, nabarmendu duenez. Eskuin-muturrak musulmanak kriminalizatzen baditu erasotzaile islamisten erlijioa dutelako, musulman eta etorkinen kontrako mezuak hedatzen dituen eskuina eraso arrazisten erantzulea da, haien pentsaera bera duelako. Mezu arrazistak hedatzeak sugearen arrautza inkubatzen du, eta orduan errazagoa da hura noizbait lehertzea. «Ez dago herrialderik halako erasoetatik guztiz babestua denik», esan du Norvegiako lehen ministroak atentatuei buruz. Stoltenbergek «demokrazia eta gizatasun handiagoak» agindu ditu. Oso inozoa izan behar da Norvegian ezertxo ere aldatuko ez dela pentsatzeko, baina bertako gobernuaren lehen erreakzioak itxaropentsuak izan dira. Kohesio soziala, hezibidea eta errespetua aipatu ditu. Gizarte guztietan dago indarkeria hondar bat, politikoa, ekonomikoa, soziala. Agerikoa, edo ezkutukoa, sinbolikoa. Indarkeria, gatazka hori behar bezala kudeatzen jakitea da gakoa; gizarteko kontraesanetaz jabetzea eta denontzako elkarguneak bilatzea dugu konponbide inperfektua. Horretan etsi gabe jardutea erraza izango ez dela jakin arren. Denak susmagarri bihurtzea, lortu ezinezko erabateko segurtasunaren aitzakiaz askatasun zibilak gehiago murriztea, ez da bidea. Gorrotoa eta odol egarria hedatzea ere ez. Horretaz, esanguratsua izan da egunotan Espainiako zenbait hedabideren mezua: norvegiarrek oso kondena samurrak ezartzen omen dituzte, hilketa bakoitzeko hiru hilabeteko zigorra besterik ez du jasoko hiltzaileak ... Badirudi Espainiako kode penal krudela esportatu nahi dutela. Hauxe erantzungo nieke: aukeratzen hasita, nahiago dut sistema bat, halako sarraskiaren egileari 21 urteko epai irmoa ematen diona, kutxazain automatiko bat erretzeagatik 10 urteko kondena, behin betikoa, ezartzen duena baino. Olof Palmeren hilketa ez zen inoiz argitu. Susmo gehienek nazioarteko eskuin-muturra egin zuten erantzule. Mundua aldatu egin da geroztik: globalizazioaren aurpegi atzerakoiena dugu nagusi, eta Palmek garatutako neurri sozialak oraintxe bertan sinatuko lituzkete, begiak itxita, haren heriotzaz poztu ziren iraultzaileek —bulego eder batean eserita ez daudenek, behintzat—. Gu ere aldatu gara: garai haietako susmagarriok eszeptikoagoak gara, baina oraindik segitzen dugu pentsatzen justizia sozialaren aldeko edozer egitea aurrerapausoa dela gizateriarentzat. Nire orduko lagun horrek, iraultzarik odoltsuena nahi zuenak, EAJko karneta du egun. Bozka egunetan jeltzaleen ordezkari ibiltzen da, tarteka, Bizkaiko herri batean. Gosea Salzburgon Siriako irudiekin bazkaltzen ari gara egunotan, eta Libiakoekin afaltzen. Somaliako gosetearen irudiak ere erakusten dizkigu telebistak, baina askoz gutxiago. Gure laguntza humanitarioa bertara heltzen denean izango da momentua. Bitartean ez da komeni jangelan ume gosetuen sabel puztuak ikustea. Siriako errepresioaren odola ondo ezkontzen da gure platereko txuletoiaren zuku gozo gorriarekin. Afrikako ume horien begirada galdua, ordea, ez. Salbuespenak salbuespen, Europako alde honetako 50 urtez beherako herritarrok ez dakigu zer den benetako gosea, gizakia osotasuna eta duintasuna txikitzeraino makurrarazten duen gosea. Ogi puska bat lurrera erortzen bazaigu, hiru aukera ditugu: bertan utzi eta ez jaso; jaso, behar bezala garbitu eta jan; jaso eta garbitu gabe jatea —desesperatuta gaudelako edo, saiatuta ere eta guztiz garbitu ez dugun arren, jan beste erremediorik ez dugulako—. Gu hiru maila horietako bigarrenera iritsi gara, gehienez. Hirugarrenera, ez. Laugarren mailaren arrastorik ez dugu: ogia irudikatzea, sukarrak hartuta ia-ia, ogi hori zoro moduan zaborretan bilatzea. Jean Ziegler, NBEren elikatze eskubidearen kontseiluko kontalari berezi ohia, hitzaldia ematera gonbidatua zen Salzburgoko jaialdiaren irekiera ekitaldian. Azkenean betatu egin dute, baina. Mendebaldean ez dago zentsurarik, ez horixe, baina Ziegler persona non grata izendatu dute Salzburgon, gosearen kontrako laguntzak gero eta eskasagoak direla salatu nahi zuelako: «Bost segundotik behin ume bat hiltzen da gosez. Ez dago dirurik, dirua bankuak salbatzeko erabiltzen baita», esan behar zuen ekitaldian. Zieglerri atea ixteko arrazoia Gaddafirekin harremanak dituela argudiatu dute Salzburgon, NBEko kontalari ohiak Libiako buruzagia «psikopatatzat» jo izan duen arren. Boikotaren benetako arrazoia, Zieglerren iritziz, jaialdiaren babesle handienen presioa izan da: Nestle jaki enpresarena eta Credit Suisse bankuarena. Biak suitzarrak dira, Zieglerren modukoak. «Gustura asko egingo nuke irekiera hitzaldia» —esan zion irakasleak Kurier egunkari austriarrari apirilean— «hor esertzen direnak aberats okituak dira. Ordu erdiz entzutekoak entzun beharko lituzkete, ateak itxita. Ez lukete alde egiterik izango». Ez da hala izan. Zieglerrek liburuxka batean atera behar izan du bere testua —Der Aufstand des Gewissens, Kontzientziaren matxinada— ecowin-Verlag argitaletxean, uztailaren amaieran, Salzburgoko jaialdia hastearekin bat. Azken hamarkadetan gosea gure mugetatik kanpo gertatu da ia beti, hirugarren mundua delakoan. Uste baino gehiagotan bertako herritar eta agintarien ezgaitasunari lotu diogu izurrite horren arrazoia. «Beltz horiek ez dakite euren burua gobernatzen, badakizu». Orain, askonahiak eta lukurreriak gurean eragin dute krisia. «Zuri horiek ez dakite euren burua gobernatzen. Merkatuari begira daude orain, beldurrak akabatzen», pentsatuko dute afrikar gosetuek. Gure spa gizartearen krisiak ez die gehiegi eragingo. Gehien jota, gure errukia lehortu egingo da: laguntza gutxiago bidaliko diegu, eta ez dugu dirurik izango haien aldeko 3D kontzertu erraldoia ikusteko txartelak erosteko. Haiek gosez hiltzen segituko dute, baina horrek ez dio ardura finantzen munduari. Merkatuek ez dute kontzientziarik, eta Salzburgoko mezenasek poltsikoan dute bihotza. Aberats okituen ustez, ez da haien errua fatalismo demografikoak lurralde idorretan kokatu bazituen gizaki behartsuenak. Horiek Afrikan gosez hiltzera kondenatu bazituen jainko beltzak, zergatik salbatu behar ditu Europatik jainko zuriak? Etsipenaren geografia Londresko istiluek etsipenaren arrastoa utzi dute bertako kaleetan. Zaila da indarkeria mota hori defendatzen, baina erraza haren sustraiak ulertzen. Istiluek oinarri politikorik ez dutela diote batzuek, nihilismo hutsa direla. Neurri batean hala da, baina hori ondorioa da, ez kausa. Kausa auzo pobreetako gazte zuri eta beltzak elkartzen dituen zerbait da: esperantzarik eza, pobrezia kontsumo gizartean. Hezkuntza sistema publikoa gero eta eskasagoa da Ingalaterran; langabeziaren mamua hor dago; laguntza sozialak murrizten ari dira. Laguntza horiekin gazteek Tesco edo Sainsbury's supermerkatuetan jatekoa erosteko beste diru dute, baina diru hori ez da nahikoa kontsumo gizartean herritar sentitzeko. Londres, Birmingham, Manchester… Etsipenaren geografia porrot politikoaren mapan. Lekukoen arabera, saltokiak txikitu dituzten gazteek ez dute jatekorik lapurtu, markako arropa baizik. Kontsumo gosea. Gure sistemak piztu du gose hori, eta orain ez da hura asetzeko gai. Matxinatuetako askok gaizkile moduan jokatu arren, istiluek sustrai politikoak dituzte, gizarte mota guztiak erabaki politiko, ekonomiko eta sozialen bidez osatu eta egituratzen direlako. Arrazoi horiei beste bi faktore sozial gehitu behar zaizkie, oso espezifikoak, ezertan laguntzen ez dutenak: Ingalaterrako familia egitura eta gizartearen ezaugarriak. Han familia ez da koltxoi afektibo eta ekonomikoa, ez hemengo moduan behintzat. Gurean, semea edo alaba amatxoren etxera azaltzen da edozein egunetan, abisatu gabe, eta amatxok otordu ederra prestatzen dio poz-pozik. Ingalaterran, behin egingo du hori. Hurrengoan aldez aurretik telefonoz deitzeko esango dio amak, eta orduan berak erabakiko du. Konparazioa gehiegizkoa da, baina ez dago errealitatetik oso urrun. Horrekin batera, beste faktore bat: Ingalaterra Mendebaldeko gizarte klasistenetakoa da. Nahiz eta loteria irabazi, pobrea bazara, beti izango zara pobrea betiko aberatsen begietan. Oso zaila da maila sozialetik igotzea. Kolonia ohietatik bertara doazen herritarrek —Australia edo Zelanda Berrikoek, esaterako— onartzen dizute hori. Zuriek hori badiote, zer ez dute esango Tottenhameko gazte beltzek? Zer ez dute egingo poliziak haietako bat tiroz hiltzen badu? Harold McMillan kontserbadorearen agintaldian lehenik, eta Harold Wilson laboristaren garaietan gero, Afrika, Asia eta Karibetik joandakoen ondorengoek baztertuta ikusten dute euren burua Ingalaterran. 60ko eta 70eko urteetan desberdintasunak zeuden, baina aldi berean estatuaren babes sozial handia zegoen egoera hori samurtzeko, Thatcher heldu arte. Ez zen Ludwig Erhardek Alemanian garatutako merkatu ekonomia soziala, baina funtzionatu egiten zuen. Orain hori guztia desagertzen ari da; merkatu ekonomia basatia dago. «Langabeziak piztu zuen nire kontzientzia politikoa», aitortu zuen Harold Wilsonek behin, txikitan etxean bizitakoa gogoan. Nork esan du langabezia, bazterketa eta etsipena ez direla politikoak? Miraria Milanen Libian egiten ari den esku-hartze militarrari eutsiko dio NATOk Gaddafi boteretik kendu eta gero, erakunde militarrak atzo jakinarazi zuenez. Mendebaldeko potentzien erasoak bere horretan segituko du, herrialdean «mehatxurik den bitartean». Kolonialismo politiko-ekonomikoak ez du lana amaitu, antza. Reuters agentziak hedatu duenez, egoera berriak «esperantza» piztu du petrolio enpresa handien artean —Frantziako Total eta Italiako ENI, besteak beste—. Astelehenean NATOren bonbek horien kotizazioa hobetu zuten burtsan: ENIren akzioak %6,33 igo ziren Milanen. Paris eta Erroma matxinoekin ari dira hizketan urre beltzaren kudeaketari buruz. Gaddafi erori egingo da. Ospakizunetako sua prest dago Milango aldarean. Libiako erasoa Magrebeko erreboltei lotu nahi izan diete batzuek. Hala ere, ez du zer ikusi handirik harekin. Tunisian eta Egipton herri errebolta izan zen, armarik gabea, kanpoko esku-hartzerik gabea, zuzenean behintzat. Arnasa berria. Libian, aldiz, ondo hornitu eta armatutako matxinoek piztu zuten sua. Ez omen zuten NATOko troparik nahi, euren irudiari kalterik ez egiteko Libiako herritarren artean. NATOko soldaduek ez dute lurralde libiarra zapaldu; bonbek, ordea, bai. Azken bost hilabetean 19.877 aire eraso egin ditu aliantzak Libian, hark berak emaniko datuen arabera. Horrek ondorio latzak utzi ditu, azkena hilaren 9an, Zliten herrian. Bertan 85 herritar hil zituzten bonbek: 33 ume, 32 emakume eta 20 gizon. Zibilak babestu? Zibilak hil, matxinoak indartzeko. Berlusconirekin eta Sakozyrekin egindako argazki ez hain zaharretan ikusi dugu Gaddafi egunotan. Nork erabaki du hura kendu behar dela? Zergatik orain? Magrebeko matxinaden aitzakiak testuinguru ezin hobea eskaini die Libiako matxinoei altxatzeko, eta Mendebaldeari horiei laguntzeko, domino efektua baliatuz. Abagune hori gabe askoz zailagoa izango zuen oposizio ahulak aurrera egitea. Bestalde, Mendebaldeak ez zuen alternatiba argirik ikusten Gaddafiren ondoren, Tripoliko megalomanoaren seme nagusiak boterea hartzea ez bazen. Diktadura hereditarioa eragotzi beharra zegoen, Sirian gertatu zena saihesteko: aitaren semeak boterea hartu eta status quo-ak, Mendebaldearen aldekoa ez denak, beste hamarkada batzuetan irautea —Saudi Arabian ere diktadura hereditarioa dugu, baina ez da horren kontrako erreboltarik babestuko—. Gaddafiren kontrako erasoaz mezua igorri diote Siriari —Israelen arerio nagusietakoa Ekialde Hurbilean—. Izan ere, Bashar al Assad tiranoa izango da, baina itsua izan behar da Siriako errebolten atzean Mendebaldearen atzaparrak ez ikusteko. Afganistan, Irak... Gerra hasi eta gerra amaitu ez, ofizialki amaitutzat jo arren. Orain Libiaren txanda da. Mehatxuei buruz hitz egin du NATOk, baina NATO bera ez al da mehatxua? Igerileku terapeutikoa Iruñean ia dena prest dago espetxe berria irekitzeko. Eraikina azken ukituen zain dago urte berriarekin batera funtzionatzen hasteko. Agintariek aste honetan aurkeztu dute «XXI. mendeko kartzela eredua». Halaxe definitu du espetxea Mercedes Gallizok, Espainiako Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiak, Nafarroako hiriburuan. Telebistan ikusi ahal izan dugu eraikin modernoa: gela zuri garbiak, gimnasioa, frontoia… Igerilekua ere badu kartzelak. Txandaka erabiliko dute presoek, modulo bakoitzak egun jakin batean. Igerilekua «terapeutikoa» dela zehaztu du Gallizok, «ez jolaserako», eta hor zalantzak agertu dira: ez dago argi bainua hartzeko baimena soilik bizkarreko mina duten presoei emango ote zaien eta, hala bada, zergatik beste presoek ez duten izango Michael Phelps berdindu nahi izateko eskubidea. Bestalde, ikusteko dago erabilera terapeutikoa izango duten gatibuei onartuko ote zaien uretan plisti-plasta ibiltzea, instalazioa jolaserako ez bada. Kartzela berriak mila lagun ingururentzako lekua izango du, eta hura betetzeko kanpoko presoak ekarriko dituzte Euskal Herrira. Hemendik presoak eraman, handik presoak ekarri. Dispertsioa bi norabideetan, horixe politika. Distantzia, urruntzea, tresna izan da beti presoak eta haien senideak gehiago zigortu eta makurrarazteko. Ingalaterrak Australiaraino bidaltzen zituen gatibu arriskutsuenak; Frantziak, Guyanara —Steve McQueenek eta Dustin Hoffmanek ederto azaldu ziguten Frantziako kartzela sistemaren krudelkeria Papillon filmean—. Espainiak bere lurralde afrikarrak erabili ditu euskal presoak zigortzeko: Ceuta, Melilla edo Kanariar Uharteak —Afrikan daude, ezta?—. Eskerrak Ekuatore Gineak independentzia lortu zuen 1968an; osterantzean hara bidaliko zituzten. Gallizo oso baikor azaldu da hedabideen aurrean. “Espetxea gure demokraziaren mailakoa da”, argudiatu du. Hor ere zalantzak, demokrazia non kokatzen duzun. Eraikina Euskal Herrian dagoenez, eta demokrazia espainiarra dugunez, badago kartzelaren kalitateaz duda egiteko arrazoirik. Batez ere ohartzen bagara igerileku terapeutiko hori Europako kartzela sistema latzenetako batek diseinatu duela. Espainiako demokraziaren mailako kartzela sistemak, alegia. Ez da hor bukatu marketina. Espainiako Gobernuaren ordezkariak izurra izurtu du, kartzela eskulan egokia lortzeko tresnatzat jo baitu, krisiari aurre egiteko, antza. Ildo horretan, tailerretan parte hartzeko deia egin die Nafarroako enpresariei, «presoak bergizarteratzen laguntzeko». «Deslokalizazio garaietan kartzelak alternatiba onak izan daitezke», adierazi du. Kartzelak deslokalizazioak saihesteko. Zenbat eta preso gehiago egon, orduan eta aukera gehiago enpresarientzat eskulan merkea lortzeko. Gatibuek lanbidea ikasiko dute tailerretan, eta haien lan indarra salduko diete enpresariei bergizarteratzen laguntzearen truke, ia sosik jaso gabe. Hala, gure empresa gizon-emakumeek ez dute tentaziorik izango lantegia Turkiara edo Marokora eramateko. Bertan baino behargin askoz merkeagoak izango dituzte Iruñeko kartzelan. Langile gatibuak baino hobeto aterako zaizkie preso langileak. Hemengoak zein Turkiakoak edo Marokokoak. Denak pozik: gatibuak eta enpresariak. Presoek, gainera, aukera izango dute igerileku terapeutikora joateko, lanaren ondorioz bizkarreko minik badute. Eta aitzakia uretan plisti-plasta ibiltzeko, Gallizo andereak jolas egiten uzten badie. Perpinyatik Perpinyara Aitor dezadan, gaur kalera irten ondoren inork galdetu aurretik: duela hamar urte, 2001eko irailaren 11n, Perpinyan nengoen Visa pour l'Image nazioarteko argazki kazetaritza erakusketaz gozatzen. Halakoetan ohi denez, argazki bilduma gehienen tituluek ez zuten errealitate zoragarririk islatzen: Schengen espazioa eta etorkinen arazoak Europan, Ramalako umeak, Errusia Putinen menpe, Pakistan herrialde txikitua... Ez nuen New Yorkeko erasoen berri izan trena hartu, muga pasatu eta Port Boura iritsi arte. Bertako geltokian ikusi nituen dorre bikiak sutan, telebistako albistegian. Gaueko bederatziak pasatxo ziren. Irailaren 11ko erasoek Bushen agenda inposatzeko balio izan zuten munduan. Agenda hori AEBen nagusitasun politiko, ekonomiko eta militarrean oinarritu da urte hauetan. Erasoen ostean munduan demokrazia hedatzeko mezua aireratu zuen AEBetako presidenteak, garai berrien hasiera, baina demokraziaren eta giza eskubideen aldeko borroka omen zena demokrazia sui generis bat ezartzeko gurutzada bihurtu zen, oso modu berezian: Afganistan eta Irak gaiztoetako despotak zigortzeko eta herritarrak saritzeko demokrazia hori eraman zuten bertara; Mendebaldearen aliatuak ziren estatu arabiar onetako despotek, aldiz, sustenguaren saria jasotzen segitu zuten eta haien menpeko herritarrek indiferentziaren zigorra. Erasoen ostean normaltasunez bizitzeko deia egin zien Bushek herritarrei, beldurrik ez izateko, kalera irten eta kontsumitzeko, kontsumorik gabe ez baitago demokrazia kapitalistarik. Beldurrik ez izateko segurtasun sentsazioa hedatu behar zen eta horretan jardun dute gure agintariek azken hamarkadan —kontrol handiagoak, lege zorrotzagoak…— baina ez dute helburua lortu. Mundua orain seguruagoa dela esaten digute. Alta, kontu bat da segurtasuna eta beste bat segurtasun sentsazioa. Horra paradoxa: egun seguruago omen gaude, geure askatasun berez murriztuak eman dizkiegu segurtasun horren truke baina, hala eta guztiz ere, ez gara lehen bezain seguru sentitzen. Segurtasunik ezaren sentsazioa nagusitu da. Zertarako balio du seguru egoteak seguru sentitzen ez bagara? Bushen terrorismoaren kontrako gerrari eutsi dio Obamak, baina arrandiarik gabe. Irailaren 11 baino lehen 1.800 ziren AEBetako indar berezietako eliteko kideak; egun, 25.000. AEBetako armada sekretua dira, The Washington Post-en arabera. Ezkutuko operazio batean hil dute aurten Osama Bin Laden. Al Kaedak ez du gerra irabazi —inork uste zuen hala izango zela?— eta aurten herrialde arabiarretan izandako erreboltak ez dira haren eskuetatik etorri, herritar xumeen ekimenetatik baizik. Libian, Mendebaldeak esku-hartze zuzena izan duen matxinadan, bestelakoa izan da prozesua. Al Kaedarekin loturak izateagatik atxilotutako gizon bat da orain Tripoliko buru militarra: Abdel Hakim Belhaj. Talde Islamiar Borrokalaria sortu zuen Belhajek. Taldeak bi entrenamendu gune zituen Afganistanen I-11 baino lehen. Haietako batean Al Kaedako boluntarioak hartzen zituen. AEBek jihadistak baliatu zituzten Afganistanen sobietarren kontra. Orain antzera jokatu dute Gaddafi botatzeko. Belhajek-eta loturak izan zituzten New Yorkeko atentatuak egin zituen erakundearekin, baina horrek ez dio ardurarik. Duela hamar urte jaun eta jabe ziren AEBak munduan eta egun, ñabardurak ñabardura, halaxe segitzen dute. 2001ean lehen hamar urteak pasatuak ziren Sobiet Batasuna eta sozialismo erreala deiturikoa desagertu zirenetik. Orain, hamar urte geroago, merkatu librearen globalizazioak kontsumitzaile apolitiko bihurtu ditu demokrazietako herritarrak, eta globalizazioak sortutako desberdintasunak indarkeriaranzko bidea dira, Eric Hobsbawm historialariak Globalizazioa, Demokrazia eta Terrorismoa liburuan adierazi duenez. Demokrazia kapitalista hedatu da munduan, baina sistema horrek gero eta gutxiago du demokraziatik, eta gero eta gehiago kapitalismotik. Duela hamar urte termino zaharkitua ematen zuen demokrazia kapitalista horrek, baina halaxe deitu beharko genioke sistemari, alienazioak ezarritako tabu semantikoak gainditzen jakingo bagenu. Rafael Pochek era honetan azaldu du La Vanguardia egunkarian: «Frantziako Iraultzaren aurreko oligarkia bezalako oligarkia batek zuzentzen du gaur egun nazioen etorkizuna. Orduan boterea monopolizatzen zuten kleroa eta nobleza populazioaren %2 baino ez ziren. Gaur antzeko oligarkia baten eskuetan dago mundua. Azken diferentzia ez da demokraziaren eta demokrazia ezaren artean, oligarkia gobernu moten artean baizik (…) Baldintza normaletan, botoak ez du gauza handirik erabakitzen, ez baitu funtsezko ezer aldatzen». Aurten Perpinyan izan naiz berriro, urteroko argazki erakusketa ikusten. 2001eko gaiak ez daude, baina haiek salatutako errealitateak bere horretan dirau: Schengen etorkinen kontrako gotorlekua da, Ramalako umeek Israelen zapalkuntza sufritzen dute oraindik, Errusia Putinen menpe dago eta Pakistanek txikituta segitzen du. Aurtengo gaiek ez dute esperantza izpi askorik ekarri: Afrikako gerrak, Afganistango egoera, Kolonbiako drama, Txinako ospitale psikiatrikoak... Guatemalari buruzko erakusketako tituluak gerra zibilaren ondoko bakean indarkeria inoiz baino biziago dagoela agertzen du: gerra baino askoz bortitzagoa den bakea. Hausnarketak Guatemalarako ez ezik mundu osorako ere balio du, I-11ren hamargarren urteurrenean: zer gertatzen da munduan, bakea lortu arren, bake iraunkorrerako benetako oinarririk ez dagoenean? Zer gertatzen da herritarren eta herrien eskubideak errespetatzen ez direnean, justizia bermatzen ez denean eta belaunaldiz belaunaldi errotutako miseriak indarkeriarako atea irekitzen duenean? Baztertuen, haserretuen matxinadak izango dira datorren hamarkadako gizarte erreboltetako protagonistak? 'La ETA' La Pili, la Maria, la Dolores… Aspaldidanik ez nuen entzun espainolezko esamolde horien modukorik, derrigorrez zentzu peioratiboa izan ez arren esaten duenaren heziketa maila eskasa agerian uzten omen duena. Herenegun aditu nuen berriz, Candido Conde-Pumpido jaunaren ahotik. Sorturen legalizazioari buruz halaxe mintzatu zen Espainiako Estatuko fiskalburua urte judiziala hasteko saioan: «Sortu no debe ser legal mientras que en el telón de fondo de su presencia política persista la terca y desafiante sombra de la ETA» —«Sortu ez da legezkotu behar, baldin eta haren presentzia politikoaren atzean temati eta erronkari badirau ETAren itzalak»—. La ETA. Candido Conde-Pumpidori España cañí delakoaren espiritu narrasena azaleratu zitzaion, ohartu gabe, traje dotorearen azpitik. Hizkuntza batzuetan guztiz normaltzat jotzen da artikuluaren erabilera izen propioen aurretik. Katalanez, esaterako: la Merce, el Joan, la Montse… Edo alemanieraz: der Kurt, die Brigitte, der Klaus... Gizarte maila guztietako jendeak erabiltzen du artikulu hori; ez da arrunkeria. Espainolez, aldiz, bai. Baldarkeria seinalea da, analfabetismo primitiboenaren mugetan daudenen ezaugarri. Arrunkeriatzat jotzen da. Oraindik entzuten da heziketa handirik gabeko zenbait herritarren artean. Horiek ez dira derrigorrez nekazal giroko zaharrak; gazterik ere bada tartean, txoni-en eta poligonero-en hizkeran aditzen baita. Hortxe dugu Yo soy la Juani, Bigas Lunaren filma. La Juani pertsonaia Veronica Echegui dugu. La Vero. Atzoko egunkarietan ez zegoen la ETAren arrastorik Conde-Pumpidoren adierazpenetan. Agentziek edo erredaktoreek fiskal ilustratuaren hizkera zuzendu eta txukundu egin zuten. Prentsan, ETA agertzen zen, artikulu barik. Arrunkeriak, ordea, grabatuta segitzen du, ikusgai. Hara zertarako balio duen EITB nahieran zerbitzuak. Ostegunean Sortu ez legeztatzeko eskatu zuen Espainiako fiskalburuak, alderdi abertzalearen auzia laster aztertuko baitute Madrilen. Gaur pozik egongo da el Candi, Auzitegi Nazionalak gogor zigortu baititu el Arnaldo, el Rafa, la Miren, el Arkaitz eta la Sonia. La Angelak eta beste epaileek ETAren itzal temati eta erronkaria ikusi dute Bateragune auzian epaitutakoen atzean. Epaiketa eta haren prozedura zuzenak izan balira ere, auzitegiak bazuen epaia Euskal Herriko errealitate politiko berrira egokitzea, zuzenbideak halako interpretazioak egiteko aukera ematen baitu. Ez du egin, baina. Zigorra nahiago izan du, helburu politikoak lortzeko indarkeria arbuiatu duten independentistak kondenatu, bide guztiz baketsu eta demokratikoak proposatzen ari direnak isilarazi. Ez ditu libre nahi, gatibu baizik, gehiago makurrarazteko esperantza hutsalaz. «Soilik gizon-emakume libreek negoziatu ahal dute, gatibuak ezin dira negoziazioetan sartu», esan zuen Nelson Mandelak preso zegoenean. Kontua da Espainiak guztiari buruz negoziatzen edo hitz egiten uzten duela, eztabaidagaia haren batasun sakratua ez bada. Manu militari inposatu zuen batasunari manu militari eutsi nahi dio, konstituzioa baliatuz. Badirudi batzuek indarkeriaren eremua nahiago dutela, hor beti indarraren arrazoia izango dutelako. Haien tranpan erortzea huts handia izango litzateke egun. «Nire herrian lehenik kartzelara joaten zara, eta gero presidente bihurtzen zara», azaldu zion Mandelak behin kazetari bati. Espainiako demokraziak independentismoa espetxeratu nahi du. Orroka hasi da, fiskalburuaren hizkeraren narraskeria bera erakutsiz. Atzodanik argiago geratu da zein den borroka. El Candi, el Jose Luis, El Alfredo, el Mariano eta besteak urduri daude. Bataila hasi baino ez da egin. 'This is America' Troy Davis exekutatu dute Jacksoneko kartzelan (Georgia, AEBak), 1989an polizia bat hil izana leporatuta. Davisen auziak zalantza eta gorabehera ugari sortu ditu azken bi hamarkadetan: hiru aldiz atzeratu behar izan dute exekuzioa azken unean; akusazioaren zazpi lekukok hasierako adierazpenak aldatu dituzte; armarik ez dago, zio argirik ere ez… AEBetan eta kanpoan Davis ez hiltzeko eskatu dute. Alferrik. Davisek azken unera arte errepikatu du ez zuela polizia hil. Azken hitzak exekuzio gelan esan zizkien kristalaz beste aldean injekzioa noiz sartuko zain zeuden hildako poliziaren senideei: «Nik ez nuen egin. Sentitu egiten dut haren heriotza, baina nik ez nuen hil zuen aita, anaia edo semea». Bera hil eta gero bere errugabetasuna frogatzeko lanean segitzeko esana zien, lehenago, senide eta lagunei. Kasua ez zegoen argi. Zentzuzko zalantza zegoen, baina ez dute kontuan hartu. Davis errugabea zela frogatuz gero, zer pentsatuko du hiltzera kondenatu duen epaileak? Zer sentituko du asteazkenean, heriotzaren erakusleihoari so, mendekuaz gozatzen ari zen poliziaren semeak? Heriotza zigorraren kontra daudenek diotenez, garrantzitsuena ez da Davis errugabea zen edo ez, baina kasu hau larrigarria izango da etorkizunean heriotza zigorrari buruzko eztabaidan. Horren aldekoek beti izango dituzte argudioak defendatzeko, Davis errugabea izanik ere. Zubi bat txarto eraiki eta erori arren, zubiak egiten segitu behar dugula esango dute zinikoki. Baina zubi bat ez da gizaki bat. Zubi batek ez du sentitzen; ez da pozten, ez da tristatzen. Zubi batek ez du bizitza hauskor mugatua —eta horregatik preziatua—; zubi bat harrizko heriotza mugagabearen metafora da. Zubi batek ez du ez eskubiderik ez aukerarik bere patua erabakitzeko. Zubi batek ez du esperantzarik; ezin du desiratu bere errepidean auto gehiago ibiltzea. Zubi batek ez du bihotzik; ez du negarrik egiten ume jaioberri baten lehen arnasagatik. Zubi bat kopiatu daiteke, errepikatu; gizaki bat, bere osotasun fisiko eta psikikoan, errepikaezina da. Hortxe datza gure berezitasuna. Asteazkenean, Davis hil zuten Jacksonen. 437 kilometro beherago, Jacksonvillen (Florida), Eric Gein izengoitiaren atzean ezkutatzen den gizonak negozioak egiten segitzen du egun: AEBetako serial killer handienen objektu eta oroigarriak saltzen ditu. Badaki krimenzaleak daudela gizartean gaizkiak eragiten duen morboagatik, eta horretaz aprobetxatzen da. Der Spiegel astekariaren arabera, Geinek 20 urte eman ditu harremanetan hiltzaile horiekin: egunkarien harpidetzak edo aldizkariak bidaltzen dizkie, behar dituzten gauzak… Horren truke presoen objektuak jasotzen ditu —gehienetan gutunak—, eta saldu egiten ditu Interneten bidez. Anthony Sowellek, hamaika emakume hil zituenak, eskuz idatzitako gutun batek 150 dolar balio du; hark bidalitako Eguberrietako postalak, 225 dolar; Charles Manson serial killer ezagunaren gauzak ere daude salgai: bere oraingo argazki batek, sinadura eta guzti, 250 dolarreko prezioa du. Geinek edonon ikusten du negozioa. Duela gutxi lagun bat bidali zuen Sowellek hamaika emakumeen gorpuak lurperatu zituen lorategira, bertako lurra hartzeko. Lur hori Gabonetako opari edo agur moduan saltzen ari da orain. Gramoak 25 dolar balio du, eta negozioa primeran doa. Sowellek hildako bi emakumeren senide batek —haren ahizpa eta lehengusina izan ziren biktimak— protesta egin du, baina Geinek harro defendatu du bere burua: «Nire negozioa legezkoa da, eta nik dirua irabazten dut horrekin. Ezer txarrik egiten ari naiz ala? Hau Amerika da». Donut egunak Lanak makaldu, histu, tristatzen omen gaitu. Lanak gure energia positiboa xurgatzen du, eta hori nabari da egunaren joanean, Science aldizkariak argitaratutako artikulu batean ageri denez. Horren arabera, Cornelleko Unibertsitateak (New York, AEBak) «nazioen pultsua» edo aldartea neurtu nahi izan du, herritarrek Twitterren sartutako mezuak aztertuz. Ikertzaileek 140 karaktereko testuak irakurri dituzte, eta ondorio hauek atera: eguneko ordu edo une jakin batzuek gure emozioak baldintzatzen dituzte. Jendea «nahiko zoriontsu» esnatzen da goizetan, eta gaueko azken orduetan ere gogotsu egoten da. Sentsazio ona nabarmenagoa da asteburuan. Horren guztiaren arrazoiak argi daude: astegunetan txartoago egiten dugu lo, eta goizago jaikitzen gara. Gainera, lanak estresatu egiten gaitu, eta horrek biziki eragiten digu eguneroko bizimoduan. Nolako mezuak hedatzen ditu David de Geak Twitterren? Lan nekagarriak biziki atsekabetzen du Manchester United futbol taldeko atezaina, eta haren portaerari eragiten dio? Izan ere, The Sun egunkariak zabaldu duenez, kirolari espainiarra donut bat lapurtzen atzeman dute Tesco etxearen supermerkatu batean, Altrincham-en (Manchester Handia). Segurtasun kamerek De Gea grabatu dute lanean ari zela, eta zaindariek gela batera eraman dute galdekatzeko. Gero, libre utzi dute besterik gabe. De Gearen lapurreta txikia —bihurrikeria iritziko diote batzuek— kritikagarria da, baina ez soilik kirolariek gizartean duten itzal handiagatik. Kirolariak humanoak dira, eta huts egiten dute, beste edonork bezala. Kontua ez da kirolari batek donut bat lapurtu duela, baizik eta astean 80.000 euro inguru irabazten dituen pertsona batek —berdin dio kirolaria edo zinema edo musika izarra— 1,35 euroko jaki gozoa hartu duela ordaindu gabe, legea hautsiz. Zertarako? Zer erakutsi nahi zuen jokaera horrekin? Ustezko gaizkilea ez dute zigortu. Zergatik? Hogei urteko gaztearen jokaera baino askoz kezkagarriagoa da supermerkatu katearena. Ez diote isunik jarri, ez dute Polizia deitu. Manchester ez da Kent eskualdea, Ingalaterrako leku pobreenetako bat baizik. Jende txiro asko daude bertako zenbait auzotan. Seguruena, ustezko lapurra beste era bateko pertsona izan balitz —pertsona, ez pertsonaia— bestela jokatuko zuten supermerkatuko arduradunek. De Gearen jokaera barkagarria izan daiteke; Tescorena,ordea, ez. Zer egingo zuten bertako zaindariek donut zalea Bradford edo Harpurhey eskualdeetako gaztetxo bat izan balitz? —datu ofizialen arabera, auzo horietako zenbait lekutan umeen %99 oso pobreak dira eta bazterkerian bizi dira—. Nire iritziz, lehen kasuan ondoriorik gabeko bihurrikeriatzat jotzen dena falta edo delitu bihurtuko litzateke bigarrenean. Lapurretan ibiltzeagatik gaizkilearen familiari, zigor moduan, laguntza soziala kentzen dion sistemak ez du ezer egin goi mailako pribilegiatu ekonomiko batek legea hautsi duenean. De Geari ez diote zigor txikiena jarri edo komunitate edo auzo lanak egiteko agindu, hobeto sozializatzeko. Ez du behar, antza. Nahiko lan izango du gaur bere atea defendatzen Norwich City taldearen aurka. Justizia? Zer da hori? Hau ikusita, inor ez dadila harritu Manchesterko gazteak gaur edo bihar Tesco supermerkatuetara joan eta protesta moduan donutak lapurtzen hasten badira, De Gea ustezko lapur txotxoloari eskaini zaion begirunea eskatzeko. Eta, tratamendu hori jaso ezean, bertako kaleak berriz sutan jartzen badituzte. Ez nuke halakorik justifikatuko. Baina ulertu egingo nuke. Jobs Steve Jobsen heriotzak tristezia zabaldu du mundu osoan, batez ere komunikazio teknologiarik berrienak eskura ditugun herritarron artean. Gure mundu digitala beste era batera amestu eta eraiki zuena joan da. Umezurtz utzi omen gaitu. Aitor dezadan: ni ere tristatu naiz Jobsen heriotzaren berri jakinda. Miretsi egiten nituen haren lanak eta haren filosofiaren alde batzuk. Jobsen heriotza sentitu dut, baina hau ere argitu beharra daukat: gehiago hunkitu ninduen Vicente Ferrerren heriotzak, duela bi urte. Geure ideia eta subjektibitateen menpe bizi gara, eta horrek gure sentimenduak bideratzen ditu. John Lennonen heriotza, esaterako, Jobsena baino gehiago sentitu nuen —eta beste batzuena ere bai, baina hobe ez esatea, ondorio penalik izan lezake eta—. Facebookeko hormetan Steve Jobs 1955-2011 BB idatzi duten askok ez dute jakingo Ferrer nor zen. Ferrerren heriotzagatik Indian negar egin zuten askok ez zekiten, ez dakite, Jobs nor zen. Ez zuten Facebook, horman dolumina agertzeko: Vicente Ferrer 1920-2009 BB. Beste mundu batekoak dira. Ferrer ez zen talde iraultzaile bateko militante armatua. Misiolaria zen, eta, iPada izan ez arren, gu baino irribarretsuagoak diren gizon eta emakumeen alde egiten zuen lan. Gizon ona zen. New Yorken, Jobsen heriotzak eragin du negarra; Anantapurren, Ferrerrenak eragin zuen. Bizitza ulertzeko modu diferenteak ditugu geure munduan eta beste paraje horietan, bai. Guk komunikatzeko beharra daukagu —askotan komunikazio hori azalekoa bada ere—. Haiek, beste haiek, tripazorria hil beharra daukate. Nork, zerk jarri dituen egoera horretan ondotxo iradoki du Frei Betto teologoak: «Akatsak egin arren, miseriaren globalizazioa ez du Txinako sozialismoak ekarri». Jobs hil egin da, eta emozioak arrazoia lausotu du. Izan da, hasiera batean, Appleko burua Leonardo da Vincirekin konparatu duenik. Gero, hotzago mintzatu dira hedabideak: «Appleren sortzaileak ez du ezer garrantzitsurik asmatu, baina gailu erakargarri eta erabilerrazak sortu ditu», idatzi du horietako batek. Jobs Leonardo da Vinci? Bere inperioa Sokratesekin hitz egiteko aukera izatearen truke aldatzeko prest zegoena gorritu egingo litzateke, hori aditzeko bizirik balego. Izan ere, Jobsek ondo zekien Da Vinci nor zen. Jobs argia, azkarra, ameslaria, apurtzailea zen. Komunikatzaile bikaina eta businessman ezin hobea, giza harremanak negozio bihurtzen asmatu zuelako, hain zuzen. Dan Gillmorrek, herritar kazetaritzaren aitak, bete-betean asmatu du Steve Jobsen lana neurtzean. Haren ustez, Jobsen ekarpen onena, «seguruenik», Stanfordeko Unibertsitateko ikasleei esaniko hitzak ditugu: «Zuen denbora mugatua da, ez galdu beste baten bizitza biziz. Ez zaitzatela dogmak harrapa, ez bizi besteen pentsamenduetara makurtuta». Horazioren carpe diem hura, alegia. Ni gehiago astindu ninduten hitzaldi hartako beste hitz hauek: «Inork ez du hil nahi. Zerura joan nahi duenak ere ez du hil nahi hara heltzeko. Heriotza denok partekatzen dugun patua da. Inork ez dio ihes egin. Eta halaxe izan behar du, heriotza baita, seguruena, bizitzaren asmakaririk onena. Heriotzak bizitzaren aldaketa eragiten du. Zaharra kentzen du, berria ekartzeko». Stanfordeko diskurtsoa. Horixe Steve Jobsek utzitako ondarerik preziatuena. Doan da, edozein iPod, iPhone eta iPad baino askoz hobea. Heriotza bizitzaren asmakaririk onena. Latza, gero! Aiseago barneratuko dugu Appleren azken gailuaren funtzionamendua Jobsen esaldi estoiko hori baino. Zerura joan nahi dutenek ez badute hil nahi, nolatan onartuko dugu patu latza zerurik ez dugunok? Gizakiak gara. Gizatiarrak. Manhattaneko duplex dotoreetan eta Anantapurko txabola zikinetan. Malko digitaletan edo azafraizko negarretan. Ongi etorri, Mr Blair! Jonathan Powell, 90eko urteetan IRAren zenbait agiri idatzi zituen gizona, Donostiako Nazioarteko Konferentzian izango da etzi. Agiri horiek idatzi zituenean, ez zen IRAko kidea: Powell britainiarra da, eta irlandar independentista armatuen arerioen ordezkari politikoa zen orduan. Tony Blairrek, Erresuma Batuko lehen ministroak, Irlanda iparraldeko bake prozesua aurrera eramateko aukeratu zuen. Powellek azaldu duenez, Martin McGuinnessekin eta Gerry Adamsekin lehen aldiz elkartu zenean ez zien eskua luzatu. Militar familia bateko kidea izanik, IRAk haren aita eta anaia mehatxatuak zituen. Nolatan agurtu IRAren beso politikoko buruzagiak? Eskua eman ez, baina haiekin hitz egin bai. Elkarrizketek segida izan zuten. Gorabehera handiekin, baina amore eman gabe. Powellek berak aitortu duenez, zenbaitetan IRAren agirien zirriborroak idatzi zituen, erakunde armatuari helarazi, militanteek edukia eztabaidatu eta guztien artean azken bertsioa adosteko. Prozesua ez zen eten eta, azkenean, Ostiral Santuko Akordioa lortu zuten. Powell Donostiara etortzeak berebiziko garrantzia izan du. Azken batean, hura ez da gaizto ofizialen ordezkaria izan, hemengo gaizto ofizialei aholkuak ematera etorri dena. Powell ez da hirugarren munduko gerrilla talde bateko komandantea, hemengo buru argi lehen mundukoek zorotzat jo eta baztertuko luketena, kontrakoa baino: Powell on ofizialen ordezkaria izan da urteetan. Gainera, era gordinean sufritu ditu Irlandako gatazkaren ondorioak. Senideak mehatxatuta eduki arren, britainiarren ordezkari politikoa izan zen, eta, beste batzuekin batera, alde bien arteko akordioa ahalbidetu zuen. Zer esango dute haren aurka? Ez da erraza halako ibilbidea duena deskalifikatzea. Are gutxiago Blairren laguntzailea izandakoa bada, eta Blair bera, agian, Donostiara etorriko dela zabaldu bada. Afrikako gerrillari bati muturrekoa eman diezaiokezu ateaz; Erresuma Batuko lehen ministro ohiari edo haren ordezkariari, ez. Hori guztia airean egongo zen herenegun sozialistek konferentziari buruz eginiko bileran. Donostiako ekimenak jokoz kanpo utzi ditu hasieran, baina erreakzionatzen jakin dute, diskurtso bikoitza egituratu behar izan duten arren: batetik, ekitaldia ezker abertzalearen propaganda politikoa ote den susmoak azaldu dituzte; bestetik, bakearen aldeko edozein ekimen ongi etorria dela esan dute. Aldaketa positiboa, ñabardurak ñabardura. Orain, behintzat, ez dira galdetzen ari nork fitxatu edo ordaindu dituen prozesuaren aldeko nazioarteko sustatzaileak. Orain, zuzenean izango dute Powellen esperientziaren berri. ETAri bai, baina ETA ez denari ere mugitzeko eskatu behar zaiola entzungo dute. Bakea ez dela lagunen artean lortzen, etsaiekin hitz eginez baizik. Ausart jokatuz gero, Moncloak datozen hilabeteetan kaleratu beharko lituzkeen adierazpen ofizialen zirriborroak egiteko eskatu ahal izango diote Powelli, gero PPkoei pasatzeko mahaiaren azpian. Ez digute ezer esan behar, hamar urte barru jakingo dugu. Blairrek ere IRAren agiri bat osatzen jardun omen zuen, eta orain ezagutu da. Eskuak libre dituzte. Blairren itzala kritikatuko dute batzuek. Ni ere ez naiz oso Blair zalea, baina onartu egin behar zaio Irlandako prozesua aurrera eramateko izan zuen kuraia politikoa. Blair hori nahiago dut Bagdad bonbardatu zuena baino. Hobe Blair hemen egotea eta haren ahaleginak bakea bultzatzera bideratzea Azore Uharteetan berriro ikustea baino, oraingoan Irani edo Siriari bonbak noiz eta nola bota aholkatzen. Etorri zein ez, Blairren itzala Donostian izango da. Ongi etorri, Mr Blair! Politika egitea, batzuetan, eskuak zikintzea da. Politika ez egitea ere bai. Mereziko du 1972ko uztailaren 21ean IRAk 22 bonba leherrarazi zituen Belfasten. 11 pertsona hil zituen, baina haietako bi baino ez ziren soldadu britainiarrak. Besteak, bederatzi, zibilak ziren. Bloody Friday delakoan bederatzi herritar eta bi soldadu hil ziren, eta 130 lagun zauritu. 2002an, IRAk agiri bat hedatu zuen barkamena eskatzeko: «Uztailaren 21a IRAren operazio baten 30. urteurrena da. Orduan bederatzi lagun hil ziren eta askoz gehiago zauritu. Ez genuen borrokalariak ez zirenak hil edo zauritzeko asmorik, baina horixe izan zen gure ekintzen ondorioa, kasu honetan eta beste batzuetan. Gertakari tragikoaren urteurrenean, egoki iruditzen zaigu ez-borrokalarien artean eragindako heriotza eta zauri guztiak gogoratzea. Geure benetako doluminak ematen dizkiegu senideei eta barkamena eskatzen diegu. Biktimak alde guztietako borrokalarien artean izan dira. Haien senideen sufrimendua eta samina aitortzen ditugu». Horixe esan zuten garai batean armak eskuan borrokatutako irlandarrek. Euskal Herrian badugu zer ikasia. ETAk Donostiako konferentziaren lurreratze pista behar izan du mende erdiko ibilbidea bukatzeko. Espainiako politikari askok eta gizarteko zati handi batek ere lurreratze pista beharko dute haren batasun sakratuaren inguruan bost mendean eraikitako pentsamendu nazionalista baztertzailea gainditzeko. Ikusi besterik ez dago Donostiara etorritakoei egin dieten mespretxua. Espainiako ordezkari politikoak munduan barrena ibiltzen dira haien trantsizio «eredugarria» saltzen, lezioak ematen. Hala ere, ez dute aholkurik onartzen Espainiak baino tradizio demokratiko askoz handiagoa duten estatuetako politikariak gurera datozenean. Erresuma Batua munduko demokrazia parlamentario zaharrenetakoa dugu; Frantzia, iraultza burgesaren sorterria; Norvegia, munduko ongizate gizarte garatuena, han-hemenka bakegintzan ari dena. Horrek berdin dio Espainiari. Zenbat urte ditu demokrazia ez perfektuak Espainiaren historian? Mende erdi? Askoz gehiagorik ez. Espainiak lezioak ematen ditu; hartu, ez. Harrokeria. Maila eskasa. Espainiako lehen errepublikan (1873-1874) eredu federala proposatu zuten. Estanislao Figueras presidentearen ministro kontseiluan hainbat katalan zeuden, eta bileretan katalanez egiten zen sarri. Azkenean, federalismoa baztertu eta Espainia zaharkituaren espiritua nagusitu zen. Figuerasek amore eman behar izan zuen. Halaxe esan zien ministroei azken bileran: «Senyors, els hi penso ser sincer: n'estic fins als collons de tots nosaltres». —«Jaunak, egia esango dizuet: potroetaraino nago gutaz guztiotaz»—. Espainia ez zegoen federalismorako prestatuta. Are gutxiago Pi i Margallek, Suitza oinarri, proposatzen zuen konfederalismoa onesteko. Egoera bestelakoa izango zen orain, Espainiak bide hori hartu izan balu. 137 urte pasatu diren arren, pentsamolde hori ez da asko aldatu. Jonathan Powellek, Blairrek Donostiara bidalitako ordezkariak, politika egiteko modu pragmatikoa azaldu zuen behin: «Herri batean denbora luzean agindu nahi baduzu, kontsentsua bilatu beharko duzu (…) Botere autonomikoa emanez gero, autodeterminazioaren eta banatzeko nahiaren presioa moteltzen duzu. Asmo horiek disolbatzeko modu onena jendea kontsentsuaren inguruan biltzea da, ez autodeterminazioaren inguruan. Azkenean, akordio batera iritsi zen Ipar Irlandan, eta akordio hori herritarren kontsentsuaz baizik ezin da aldatu». Espainiak asko ikasiko luke hitz horietatik. Izan ere, Euskal Herriak ez du Espainia seduzitu behar, alderantziz baizik. Euskal Herriak ez du Espainia bereganatu nahi; Espainiak nahi du Euskal Herria atxiki. Hasi dadila lanean euskal gizarteari onena Espainian segitzea dela pentsarazteko. Garai berri hauetan independentistek ere gogotik egin beharko dute lan herritarrak euren diskurtsoaz konbentzitzeko. Ideien bataila izango da: nork bere proiektua landu beharko du, gizarteari bizikidetza eredu erakargarriak eskaintzeko. XXI. mendean ideiak borroka politiko baketsuen bidez defendatu behar direla ulertu da Euskal Herrian. Inposizio zaharretan oinarritutako diskurtsoek XXI. mendean ez dutela lekurik onartu beharko dute Euskal Herritik kanpo. Aberria, herria, gizartea egunero egiten direlako. Aurtengo maiatzean Ingalaterrako erregina Irlandara joan zen. Bertan, britainiarrek Irlandan eragindako minari buruz mintzatu zen: «Inoiz ezin izango ditugu ahaztu hemen zauritu eta hildakoak eta haien senideak. Geure iragan gatazkatsuaren ondorioz sufritu duten guztiei benetako begirunea eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu». Horixe esan zuen garai batean batasunari indarrez eutsi nahi zion erresumako ordezkari gorenekoak. Espainian badute zer ikasia. 2011ko urriaren 20an Euskal Herrian jaio ziren umeak beste gizarte mota batean hazi eta heziko dira. Gu, mende erdian iragan goibela besterik bizi izan ez dugunok, lagun izango gaituzte. Etorkizuna gu guztiona da baina, batez ere, haiena, belaunaldi berriena. Duintasunean eta errespetuan oinarritutako bizikidetza ez da aise eraikiko. Bidea luzea izango da. Nekagarria batzuetan, bizigarria beti. Mereziko du. Carrero Gernikan Luis Carrero Blanco zenak monumentua du Santoña jaioterrian. ETAk 1973an hil zuen Francoren gobernuko presidentea, eta hango udalak haren aldeko monumentua eraiki zuen gero. Kantabriako herrian inor ez da ausartu oraindik monumentua kentzera, ezta sozialistak ere. Santoña berezi samarra da. Bertako udalean falange frankistak Espainian duen zinegotzi bakarra dago: Leoncio Calle Pila. Calle jaunak odola isurarazteko mehatxua egin zuen 2007an —orduan ere zinegotzia zen—, inor bazihoan Carreroren omenezko monumentua botatzera. «Beharrezkoa bada, tiroak izango dira», esan zuen. Espainiako justiziak ez zuen haren kontrako auzibidera jo, noski. Callek zinegotzia izaten segitzen du, eta prest dago diktadorearen oinordekoa izan behar zuenaren aldeko monumentua tiroka defendatzeko. Pertsona bat ezagutzen dut, behin, Carreroren monumentu horren aurrean, «voló, voló, Carrero voló» kantatzen hasi zena, ia ohartu gabe. Eskerrak inguruan falangistarik ez zegoen, bestela errepaso ederra emango ziguten hari eta harekin geundenoi. Une txoro batean hitz horiek kantatu zituena ez da ezker abertzaleko kidea. ETA kritikatu izan du, baina barneratua du Carreroren aurkako atentatuak herritar ugariren artean eragindako sentimendu ez bereziki goibela. Horretaz poztu ziren asko amnesiak jota daude orain. Carrero terrorismoaren biktima gisa aurkeztu digute egunotan. ETAk bere jarduera armatua betiko uzteko erabakiaren berri eman eta biharamunean, erakunde armatuak hildako 829 lagunen izen-abizenak argitaratu zituzten Espainiako egunkariek. Hedabide ustez aurrerakoienetan biktima agertu zen Carrero, baita Meliton Manzanas ere, Francoren polizia politikoko torturatzailea. Biktimen gaia tentu handiz ibiltzekoa da. Alde bateko zein besteko indarkeria sufritu dutenen mina hor dago. Erraza da aholkuak ematea halakorik zuzenean sentitu ez denean. Alde humanotik, sufrimenduari dagokionez, biktima guztiak berdinak dira. Baina berdinak ote dira bakoitzaren erantzukizun politikoaren aldetik? Arlo horretatik begiratuta, berdin-berdinak dira Meliton Manzanas eta Carrero Blanco eta Diego Armando Estacio eta Carlos Alonso Palate? Gauza bera ote dira diktadura frankistako errepresioaren sinboloak eta Barajasko atentatuan hildakoak? ETAren borroka deslegitimatu nahi duten askok arazoak dituzte batzuetan. Idoia Mendiak joan den astean esan zuen ETAk 30 urte galdu dituela armak uzteko. Baten batek uler lezake 1981 baino lehenagoko atentatuak justifikatuta daudela. Bizkaiko Diputazioko presidente Augusto Unzetaren kontrakoa 1977an izan zen. Ontzat jotzen du? Txarli Prieto sozialistaren ustez, aldiz, ETAk duela 34 urte gelditu behar zuen. Gipuzkoako Diputazioko presidente Juan Maria Araluze 1976an hil zuten. Beraz? Urkulluk adierazi duenez, ETAk ez zuen inoiz sortu behar, ez baitago «heriotza bat bera ere» merezi duen aberri, erlijio edo ideiarik. Inoiz Mandelaren aurrean izanez gero, halakorik esango lioke EBBko buruak Hego Afrikako diktadura arrazistaren kontra armak eskuetan borrokatu zenari? Pedagogia egiteari lotuz gero, hobe luke batzokietan bertan hastea. «Que corra la sangre hispana mientras dure la invasión …» edo «eta tiro, eta tiro, eta tiro beltzari; eta tiro, eta tiro belarrimotzari ...» dioten kantak EAJko zaharrei entzun dizkiet, ez ezker abertzaleko gazteei. Garai berriak datoz. Denok egin beharko ditugu autokritika eta hausnarketa sakonak. Denok. Baina kontuz, mea culpa esateko modu asko daude. Carrerok badu bere monumentua Santoñan. Ez diezagutela eska orain beste bat eraikitzeko Gernikan eta, «beharrezkoa bada», tiroka defendatzeko. Hemengo turkiarrak Euskal diasporaren ordezkariak elkartu dira aste honetan Donostian. Agintariek, haien lana goraipatu, eta gure herriaren ahotsa mundu zabalean hedatzen segitzeko eskatu diete. Komenigarria da nondik gatozen jakitea; eskubide hori dugu, eta beharra ere bai. Dena den, aurrera egin behar da, bizitzak jarri gaituen lekuan eta denboran. Euskal diaspora hor dago, baina lagun horiek joan egin ziren, eta gehienak ez dira itzuliko. Euskal Herriaren etorkizuna ez da Boisen jokatuko, Bilbon, Iruñean edo Baionan baizik. Uste dut garrantzi handiegia ematen diogula kanpoan dagoen diasporari, eta txikiegia geurean dugun diasporari. Partida etxean jokatzen ari da, baina badirudi ez garela konturatu. Eta partida etxean jokatzen denean batzuetan zailagoa da irabaztea, erlaxatuago ateratzen garelako zelaira, aurrean dugun taldeari kasu handirik egin gabe edo, are okerrago, hura ondo identifikatu gabe. Der Spiegel aldizkariak Alemanian bizi diren etorkin turkiarrei buruzko erreportajea kaleratu berri du. Honelaxe dio artikuluko sarreran: «Duela 50 urte etorri ziren lehen etorkin turkiarrak. Beste etorkin batzuek bezala, haiek ere seme-alabak eta bilobak izan dituzte, baina belaunaldi gazteetako kide askok arazoak dituzte Alemanian. Hezkuntza, identitatea eta perspektiba falta zaizkie». Guri ere perspektiba falta zaigu. Noiz hasi ziren euskaldunak Ameriketara joaten? Orain mende bat baino gehiago. Noiz hasi ziren etorkin gehienak Euskal Herrira heltzen? Duela 50 urte. Hala ere, soilik azken urteotan gurera azaldu diren etorkinei buruz mintzo gara sarri. Euskal ikuspegi nazional batetik begiratuta, hemen dauden etorkin bakarrak ez dira Boliviatik edo Marokotik etorriak. Hala irizten dionak pentsamolde espainiarra du buruan. Boliviarrak baino lehen beste etorkin batzuk etorri ziren. Horiek etxeetan pilatuta bizi ziren Otxarkoagan —euskaldunak Idahoko etxaldeetan bezala—, baina haien bilobek, horretaz ahaztuta-edo, barre egiten diete orain baldintza beretan bizi diren azken etorkinei. Kontua ez da nor noiz etorri zen, nork duen eskubidea eta nork ez. Eskubideak —eta beteharrak— denok ditugu. Kontua da zer gertatu den duela mende erdi Euskal Herrira iritsitako etorkinen ondorengo ez gutxik oraindik euren burua euskal nazioaren barruan ez kokatzeko, gure proiektua ez sentitzeko. Hemen —onartu edo ez; ohartu edo ez— denok gara proiektu baten parte aktiboa edo pasiboa: abertzaleok Euskal Herria dugu xede; espainiar kosmopolitek —barkatu etena, barreari eutsi ezinik nabil eta—, Espainia. Argi esanda: mesede handiagoa egiten dio euskal proiektu nazionalari Mikel izeneko umea D ereduko eskola publikora bidaltzen duen herritar boliviar euskaltzaleak Miguel izeneko umea hiru eleko eskola pribatu modelnora bidaltzen duen euskal herritar erdaltzaleak baino. Eztabaida soilik azken immigrazioaren eremura mugatu nahi dutenak oker daude —edo zuzen, ikuspegi espainolista batetik—. Auzia sakonagoa da euskaldunontzat. Izan ere, hemengo turkiarrak geure eremura etorrarazi ez baditugu, zer egin behar dugu hori behingoz lortu eta, gainera, azken urteotako beste etorkinak ere erakartzeko? Inor ez dadila asalda hemengo turkiarren metafora aipatu badut. Ni ere turkiarra naiz jatorriz. Hala ere, Andaluziako Gobernutik inoiz gonbidapenik iristen bazait, hango etorkinen ondorengoei zuzendutako kongresu batean parte hartzeko, ezezko adeitsu baina biribilaz erantzungo diet. Eta esango diet gustatu egiten zaidala Andaluzia —udako beroaldietan izan ezik—, baina ez daitezela kezkatu diasporaz, bikote andaluziar baten semearen ustezko herriminaz. Kezkatu daitezela han dauden andaluziarren bizi-baldintzak hobetzeaz. Hori egin dezatela. Ni hemengoa naiz, eta berdin egingo dut hemengo herritar guztien alde, turkiarrak izan edo ez. 'Delicious' Nik ama hiltzea nahiago dut amona hiltzea baino», esan du mutil gazteak autobus geralekuan. Lagunek harrituta begiratu diote. «Ez esan halakorik!», aurpegiratu dio neskak. Mutila gorritu egin da, baina bere burua defendatu du; badaki «zergatik» pentsatzen duen hori. Hamabost urte inguru izango dituzte. Gaia aldatzeko edo, eskolako etxeko lanei buruz galdetu du besteak. Bihar zortzi Espainiako Diputatuen Kongresurako bozak izango dira. Kanpainako gai nagusia krisi ekonomikoa bada ere, hezkuntza ere izan da hizpide. Gurean ez asko, baina horrek ez du esan nahi kezkarik ez dagoenik. Herenegun, gaiari heldu zion Josu Erkorekak. Eusko Jaurlaritzatik egindako murrizketak salatu zituen jeltzaleak, eta kalitatezko hezkuntzaren alde egin zuen. Umeentzat hezkuntza sistema onena eskatzeko eskubidea dute gurasoek, baina nork bermatu behar du eskubide hori? Hezkuntza sistema aukeratzeko askatasuna aldarrikatzen dugu, sarri hori egiteko benetako aukerarik ez dagoela ahaztuta. Mundu guztiak ez du askatasunaz gozatzeko dirua, eskubide hori ordaindu egin behar delako. Gurasoek haurrentzat heziketa bikaina nahi izatea ulergarria da, baina noraino da onargarria ekimen pribatuak nahi hori asetzeko negozioa egitea? Estatuak kontrolatutako hezkuntza sistema proposatzen ari naizela esango dute batzuek. Kontrolatu aditzak ez du izen onik egun; beraz, botere publikoek kudeatu eta zuzendutako hezkuntza sistemaren alde nagoela esango dut. Bai, zeren, bestela, nork bermatuko du eskubide hori? Ekimen pribatuak? Inork negozioak egin nahi baditu, kabiarra inportatu eta saltzeko enpresa bat sor dezala, kabiar barik bizi daiteke eta. Hezkuntza negozio bihurtzea herritarren funtsezko eskubideak urratzea da. Kalitatezko hezkuntza sistema publikoa ezinbestekoa da aukera berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzeko. Hori gertatzeko bide bakarra ez da hezkuntza estatuaren monopolioa izatea. Bada beste biderik. Esaterako: zuk seme-alabak eskola elitista eta ustez onenetara bidali nahi badituzu, bidal itzazu, ondo dago. Gero estatuak zuk ordaindutako diru gehiena hartuko du eskola pribatu horretatik zergen bidez. Behia ondo jetziko du, errapeetatik ateratako esneaz hezkuntza sistema publikoa elikatzeko. Eskola pribatu horiek ozta-ozta bizirik segitzeko moduan geratuko dira, orain ikastetxe publiko asko dauden moduan, hain zuzen. Eskola publikoak baliabide gehiago izango ditu, eta herritar guztien eskura izango da. Hezkuntzaren arloan dirua irabazterik ez dagoela ohartuta, beste eremu batera joko dute buruan negozioa dutenek. Hezkuntzan eskubide-berdintasuna garatzea ez da igualitarismo irentzailea ezartzea. Berdintasunak hauxe esan nahi du: bizitzaren bidean hasi berri diren gizakiei euren potentzial guztiak garatzeko aukera berdinak eskaintzea. Jaiotzatik bertatik desberdintasunak izaten dira, jatorri sozial, ekonomiko eta kulturalek haurrak bereizten dituztelako, eta haien garapena baldintzatu. Hezkuntzak arazo hori konpondu beharko luke ahal duen neurrian, ez gehiago sakondu. Manfred Max-Neef ikertzaile txiletarrak definitu duen garapena lortuko litzateke orduan: «Gizarteko kide guztien sortze-ahalbideak askatzea». Mutilak ez du gaia aldatu nahi. «Dibortzioa duela hiru urte lortu zuen aitak, urtebetetze egunean. Hori poza! Esan zuen hori zela inoiz jasotako oparirik onena». Autobusa iritsi da, eta barrura sartu da bi lagunekin batera. Kamiseta gorria du jantzia. Bertan estetika zaharreko emakume ilehoria ageri da, irribarretsu. Haren azpian Coca Colak 1904. urtean hedatutako leloa dago idatzita. Urte hartan, martxoaren 3an, igandeetan lan ez egitera behartzen duen legea onartu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak. Delicious and refreshing. Metropoliko kosmopolitak Bihar bozak izango dituzte Espainiak administratutako lurraldeetan. Garaileak betikoak izango dira: subiranista espainiarrak. Oraingo honetan, baina, alderdi subiranista urdinak irabaziko du, itxura guztiaren arabera. Ez dio ardura. Hegoaldeko metropoliko gobernuetan subiranista espainiarrak egongo dira beti. Horren kontra ez dago asko egiterik, subiranismoa eta independentismo arduratsua aldarrikatzea ez bada. Subiranista naiz, uste dudalako XXI. mendean inor ez dugula behartu behar inorekin bizitzera, lehenago harekin bizi nahi ote duen galdetu gabe. Uste dudalako garai hauetan dibortzio politikoak modu zibilizatuan gauza daitezkeela. Independentista arduratsua naiz, badakidalako erabateko independentzia oso zaila dela egun. Badakit nahi adina arrazoi historiko, kultural, sozial eta ekonomiko argudia daitezkeela independentziaren alde, baita kontra ere. Egia esan, horrek guztiak ez dit ardura. Ez dut antzinako erresuma bat amets, ezta Albaniako konkista ere. Independentismo arduratsua aldarrikatzen dut arrazoi xinple batengatik: uste dudalako nire kolektibitateak —edo kasualitate demografiko hutsaren ondorioz munduan kokatzen nauen herriak— beste herriek adina eskubide eta ahalbide izan behar dituela hemen bizi garen guztion arteko bizikidetzaren oinarriak finkatzeko. Uste dudalako euskaldunok espainiarrek eta frantsesek beste eskubiderik dugula horretan asmatu edo huts egiteko. Zuzentasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzen saiatzeko, herritar guztiak eskubidez eta betebeharrez berdintasunean biziko direna. Guztiak. Goizeko hiruretan edozein musika ozenek molestatzen nau lo nagoenean, berdin dio musika hori bachata edo trikitia izan. Uste dut hemengoak izateak ez digula ematen hemengoa ez denari baino eskubide gehiago zarata egiteko. Denok gara berdinak, hemengoa ez den hori, hemen dagoenetik, hemengoa ere badelako. Ez dut sinesten metropoliko herritar progre askoren ez-nazionalismoan. Bai, haietako batzuek Londres ezagutu eta maite dute, oso cool dira, yeahhh baby, baina aukera balute, botoa ez liokete Erresuma Batuko Alderdi Laboristari edo Alderdi Kontserbadoreari emango. Espainiako Alderdi Sozialistaren edo Alderdi Popularraren alde bozkatzen segituko lukete, hots, subiranotasuna soilik herri espainiarrean datzala defendatzen dutenen alde. Ez naiz fio horiek esaten dutenean ez direla nazionalistak. Sor dezatela Espainian alderdi politiko bat, munduko herri guztiak muga, pasaporte eta inposiziorik gabe berdintasunean bizitzea proposatzen duena. Neurea izango da haien aldeko lehen botoa. Baina utopia hori gauzatu artean aukera izan nahi dut, beraiek bezalaxe, mugak, pasaportea eta besterik izateko, inolako konplexurik gabe. Badago kosmopolita, internazionalista eta solidarioa izatea Gaztelu plazatik edo San Andres plazatik, Puerta del Sol edo Bastillaraino joan gabe. Alemaniak lortu duenaz harro badagoen galdetuz gero, baietz erantzungo zuela esan zuen, duela gutxi, bertako presidente ohi Johannes Rauk. «Baina alemaniarra izateaz harro ote nagoen beste galdera bat da», azaldu zuen. Harro? Zertaz? Bizitzaren loteriak leku ustez txukun batean jaiotzea oparitu zizulako? Izatekotan, esker onekoa. Ni ez nago bereziki harro euskalduna izateaz, baina ez naiz lotsatu ere egiten —ez genuen besterik behar!—. Munduan zehar sorterria zein dudan galdetu didatenean euskalduna naizela esan dut, paparra atera gabe, baina kikildu egin gabe, tartean arrisku edo mehatxurik sumatu ez badut. Izan ere, ez naiz heroia, ez naiz martiria. Batzuetan, gizaki adoretsua naiz; beste batzuetan, koldarra. Gizakiak ulertzen saiatzen naiz eta, ahal dela, maitatzen, zenbaitetan zaila bada ere. Euskal Herrian eta munduan. Munduan eta Euskal Herrian. 'Relu a vorbit tata' Eskuko telefonoa konpontzera eraman duzu, eta dendan modelo zaharra utzi dizute, bi aste hauetan erabiltzeko. Hura piztu, eta lehenagoko erabiltzaileak bidalitako mezu batzuk daudela ohartu zara. Hartzaileen zenbakiekin batera, testuetako lehen hitzak ageri dira. Mezu horietako bat hizkuntza ezezagun batean idatzia da. Jakin-minak bultzatuta, ireki egin duzu. Ezer ulertu ez, eta Interneten bidezko itzulpen zerbitzu batera jo duzu. Testua idazten ari zaren artean, jokaera ez dela oso itxurosoa pentsatu duzu. Mezu horretako hizkuntza ez da hasieran zuk uste zenuena. Bigarren aukera bururatu zaizu. Oraingoan, bai. Itzulpena trakets samarra da, baina ulertzeko modukoa: «Relu aitak hitz egin zuen autoari eta dena utzi esan zuen». Hurrengo sei mezuak bost digituko zenbaki berera bidaliak dira. Espainieraz idatzita daude. Lehenak «gutxieneko errenta dut» dio; bigarrenean ustez igorlearenak diren izen-abizenak, jaioteguna, nortasun agiriaren zenbakia, banketxea eta kontu korronteko hogei digituak daude. Beste hiruretan hitz bakarra idatzita dago: dirua. Azkenekoan, aldiz, galdera bat: «Zenbatekoa da 400 euroen interesa?». Maileguak azkar ematen dituen negozio baten zenbakia dela pentsatu, eta horri buruzko informazioa bilatu duzu Interneten. Digitu horiek dituen enpresaren orria aurkitu duzu. Publizitatearen arabera, zuk eskatutako dirua hamar minutuan sartzen dizute kontu korrontean. Gehienez, 400 euro ematen dizkizute, 30 eguneko epean ordaindu beharrekoak. 400 euro eskatu badituzu, 100 euro gehiago bueltatuko dituzu. Guztira, 500 euro. Krisia herritar guztiak jotzen ari da, batez ere herritar xumeak. Gaur 400 euro ez dituena nolaz egon daiteke seguru hilabete barru 500 izango dituela zorrak kitatzeko, gutxieneko errenta besterik ez badu? Baliteke aukera bakarra epea amaitu baino lehen beste mailegu bat eskatzea, baina kasu honetan 500 eurokoa. Eta gero, agian, beste bat. Zorra handitu eta handitu. Puztu, lehertu arte. 400 euroko mailegu pribatu horretan %25eko interesak ordaindu behar dira. Duela 25 bat urte, etxea erosteko maileguak %20ren bueltan zeuden Hegoaldean. Lehen kasua lukurreria bada, zer zen orduan bigarrena? Legezko lapurreta, galanta gainera. Larrutik ordaintzen zenuen etxea, hainbesteko interesekin. Garai haietan bazegoen lagunik, bankuari oporretan joateko dirua eskatzen zionik. Koplak amaitu egin dira, baina. Orain, herritar kontsumitzaileak kontu serioagoei aurre egiteko lortu nahi du dirua. Maileguen bidez edo ondasunak salduz. Azken hilabeteotan urrea erosteko dendak ugaltzen ari dira saltoki handietan. Urrea, aberastasunaren sinboloa. Eraztunak, eskumuturrekoak, kateak… balio sentimental handia duten objektuak saltzen ari da jendea. Bihotzak ez du sabela betetzen. Spike Leeren Inside Man filmean, II. Mundu Gerran juduen kontura aberastutako bankari batek judu baten esaldia aipatzen du bere burua zuritzeko: «Rothschildek argi esaten zuen: 'Krisi garaietan, erosi, erosi, erosi'». Rothschild abizena ez duena, berriz, saldu eta saldu dabil egun. Batek jakin krisiak eta ongizatezko gizartea deuseztatzeak nora eramango gaituzten. Batek jakin lehen oporretan joateko dirua eskatzen zuenak etorkizunean ez ote duen eskatuko oraingoz doakoak diren botika edo tratamendu bereziak ordaindu ahal izateko. Edo ospitale publikoan egun gehiago emateko eskubidea erosteko, ebakuntza egin eta biharamunean etxera bidal ez dezaten. Inoiz ez duzu gutunik irakurri, zurea ez denik. Orduan, zergatik irakurri dituzu mezu horiek? Ezezagun batenak direlako? Noizbait zure telefonoa hautsi zela gogoratu duzu, eta mezu batzuk barruan geratu zirela. Mezu intimoak ziren. Telefonoa hartu, eta Reluren mezuak ezabatu dituzu. Arratsaldeko tea hoztu egin zaizu mahaiaren gainean. Ez ligatu ezezagunekin Facebook, ezezagunak, sexua, hiesa ... Hitz horien arteko lotura erabili du Gurutze Gorriak Polonian, gaixotasun kronikoaren kontrako kanpainan eginiko iragarkian (http://www.youtube .com/watch?v=TZDXoghu-5o&feature=results_video&playnext=1&list=PLD1C32A366253C3B6). Ostegunean Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen, eta iragarkia horren harira kaleratu dute. Gurutze Gorriaren helburua zein den ez dago argi, baina: herritarren sexu heziketa hobetzea edo harreman mota batzuk gaitzaren iturri bihurtzea. Izan ere, iragarkian halako irudiak agertzen dira: sare sozial bateko txata ordenagailuan; ondoren, gazteak festan dantzan: garagardoak, barreak ... Halako batean, neska baten lehen planoa: begiak, irribarrea, ezpain desiragarriak. Hari begira dagoena —mutila, antza— liluraturik dago, eta harekin joan da. Etxean, neska bainugelan sartu eta ia biluzik irten da handik. Oherantz joan da, eta haren tanga beltza eranzten hasi dira esku batzuk. Badirudi pelikulako onena hastear dagoela, baina ez. Bat-batean, Cinema Paradiso, poloniar erara: Gurutze Gorriak artaziak atera eta eszena moztu du. Pantailan mezu hau azaldu da: Neska seropositiboa da. Orain zu ere bazara. Bizitza ez da Facebook. Ez onartu ezezagunen gonbidapenik. Bazegoen iragarkia bestela egitea: neskak tangaren atzeko alde mehean kondoi bat lotuta eramatea, esaterako. Edo hura komunetik irten bezain laster mutilak preserbatibo sorta bat atera eta aukeratzeko ematea. Baina ez, Gurutze Gorriak mezu atzerakoia nahiago izan du: ez onartu ezezagunen gonbidapenik, are gutxiago Interneten bidez. Erakundearen estatutuen arabera, haren zeregin nagusietako bat gaixotasunei aurre egitea da. Alta, hiesaren kontra ez du kondoia aholkatzen. Txikitan hauxe esaten ziguten gurasoek: «Ezezagun bat hurbiltzen bazaizu, kasurik ez egin». Orain ere, antzera: «Kontuz ibili, ez enroilatu ezezagun batekin! Haren aitatxo eta amatxorekin txokolatea eta txurroak dozena bat aldiz jan arte, ez ausartu hari tiramisua edo cantuccinia jaten». Orduan bai, ezaguna izango da, fidagarria, kondoi barik egiteko modukoa. Analisi klinikoak ez, haren amak argituko dizu zalantza, igandean kafea hartzen ari zareten bitartean: «Kondoi gabe egin dezakezu lasai asko, gure alaba (edo semea) garbi dago eta». Iñaki Azkunak lezio ederra eman zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua zen garaian. Hiesaren kontrako kanpainaren aurkezpenean kondoi bat atera zuen hedabideen aurrean, eta hitz hauek esan zituen, gutxi gorabehera. «Inor ez dadila engaina: hauxe da hiesetik babesteko modua». Azkunak ez zuen abadearena egin. EAEko osasun arloko arduraduna zen, eta pragmatismoz jokatu zuen. Alde handia, ia bi hamarkada geroago Espainian asmatu zuten kanpainarekin, Aznar presidentea zenean: Hiesa: zalantzarik baduzu, deitu. Eta telefono zenbaki bat. Zalantza? Zer zalantza? Kondoia nola jarri behar den? Madrilen bazuten zer ikasia Margaret Thatcherren gobernuak 1986an bultzatutako kanpainatik. Moral kontuetan britainiarrak oso pragmatikoak dira, espainiarrak ez bezalakoak —Jeremy Bentham, utilitarismoaren aita, Houndsditchen jaio zen, ez Carrion de los Condesen—. Urte hartan zuri-beltzezko milaka afixa erraldoi eskegi arazi zituen, kaleetan, Edwina Currie Osasun ministroak. Haietako batean bikote bat agertzen zen, ohean elkarri bizkarra ematen, itxuraz sexu harremanak izan ostean. Kanpainaren leloa hizki handiz agertzen zen: Hiesa: ez hil ezjakintasunagatik. Eta azpian, beste testu bat: Pertsona batekin oheratzen zaren bakoitzean ez zara bakarrik harekin oheratzen ari. Lehenago harekin oheratu diren pertsona guztiekin ere oheratzen ari zara. Kondoia erabili. Hogeita bost urte geroago, mezu horrek ez du indarra galdu. Batez ere, ezezagunak ezagutzen badituzu. Batez ere, haien gonbidapenak onartzen badituzu. 'What else?' George Clooneyk ordezko bat du Suitzan, Zurichen: Serge Kaspar. Gizona haren berdin-berdina dugu. Argazki modeloa da. Aktore estatubatuarrarekin duen antzari erreparatu, eta iragarki satiriko bat egiteko eskatu dio Solidar Suisse gobernuz kanpoko erakundeak, Nespressoren jarduera salatzeko. Kasparrek baiezkoa eman, eta agerian utzi du Nestle enpresaren jokaera —Nespressoren jabea da—. Clooneyk Nespressorentzat grabatutakoaren parodia da iragarkia: Kaspar kalean dabil, eta bat-batean piano bat erori da haren aurrean. Ez zaio ezer gertatu, baina. Kontrako bidean doala, Nespressoren kartel bat bere lekutik atera da, eta bete-betean jo du. Oraingoan, bai: Clooney-Kaspar zerraldo erori da lurrera. Hiltzailea ez da pianoa izan, Nespresso baizik. Off-eko ahots batek hauxe esan du orduan: «Nespresso munduko kafe garestienetako bat da, baina haren negozioa ez da merkataritza justuan oinarritzen». Eta pantailan helbide elektroniko bat agertu da, Clooneyri protesta mezuak bidaltzeko. Azken hiru hilabeteotan milioi bat lagunek ikusi dute iragarkia. Clooneyk haren berri izan du, eta hordago jo dio Nestleri: frogatzen ez badu kafe soroetako langileak modu egokian ordaintzen dituela eta horiek 18 urtez gorakoak direla, ez die berrituko bere irudia erabiltzeko kontratua. Kanpainaren arrakasta dela eta, Suitzako Publizitate Elkarteak Komunikatzailearen Saria eman dio Kasparri. Herritar suitzarrak Berlingo Tageszeitung egunkariari esan dionez, berak ez du ezer Nestleren aurka. Are gehiago, Nespresso kafe makina bat du etxean, baina poztu egingo litzateke iragarkiari esker kafe soroetako langileen baldintzak hobetuko balira. Ekimena laudatzeko modukoa da. Etorkizunean gurean ere halakoren bat beharko dugula uste dut, zer datorkigun ikusita. Afrika, Asia eta Hego Amerikako herritarrei buruzko kezka Europara ere hedatuko da, hemengo jendearen soldatak eta lan egiteko moduak direla eta. Izan ere, esplotazioaren fenomenoa ez da urruneko herrialde horietara mugatuko. Testuinguruak desberdinak dira han eta hemen, baina filosofia, berdina: lan baldintzak gero eta okerragoak jartzea, herritar-langile-kontsumitzaile gehienak gero eta gehiago estutzea, banaka batzuek ahalik eta etekin handienak izateko. Ikusi besterik ez dago Rajoy jaunak, zenbait iturriren arabera, bultzatuko duen lan erreforma: negoziazio kolektiboa ahultzeaz gain, badago beste neurri bat: 400 euroko kontratua gazteentzat. Alemaniatik hartutako ideia dela argudiatu dute horren aldekoek. Han gutxieneko soldata baino gutxiago kobratzen omen dute antzeko kontratuekin ari diren gazteek, eta ondo doakie. Made in Germany markaren liluraz itsutu egin nahi gaituzte, baina bi kontu ahazten dituzte. Lehena: Alemanian gutxieneko soldata mila eurotik gorakoa dute —Espainiak administratutako Euskal Herrian 641,40 eurokoa da—. Bigarrena: han kontratu mota horiek finkatutako lanaldia 40 ordukoa da… hilean! Hemen errazagoa izango da gazte horiek astean 40 ordu lan egitea eta, deskuiduan, esparru horretan 40 urte arteko gazteak ere sartzea. Azken lan erreformarekin 30 urte arte luzatu zuen Espainiako Gobernuak gaztaroa. Oraingoan, zergatik ez 40 urte izan arte? Gure artean nagusitzen ari den ume jokaeraren eta betiko gaztetasunaren alde makurra izango da. Lehen, 25 urterekin, gizona edo emakumea zinen. Orain, hainbat arrazoi direla medio, 40 urte eta oraindik ume. Zenbait sindikatuk darabilten politika ikusita, esperantza ia bakarra daukat: langileen baldintzak okertzen hasten direnean gure enpresa handi horietako batek Clooney kontratatzea publizitatea egiteko. Has daitezela horretan. Beti izango dugu aukera Zurichera joan eta Serge Kaspar ekartzeko, salaketa iragarki bat egin dezan. Ez da musu truk izango: kafe bat ordainduko diogu, berari gustatzen zaion markakoa. Nespresso. What else? Brontzezko oihuak Brontzezko estatua batek Japoniaren eta Hego Korearen arteko harreman diplomatikoak astindu ditu. Estatua Seulen dago kokatuta, Japoniaren enbaxadaren aurrean. Neskato bat irudikatzen du, aulki batean eserita, ortozik, eraikinerantz begira. Artelana herritar talde batek agindu eta ordaindu du. II. Mundu Gerran Japoniak milaka emakume asiar esklabo sexual moduan erabili zituela gogorarazi nahi izan dute horrela, eta Tokiori egindako kaltea aitortzeko eskatu. Lanak Bakearen Monumentua du izena, eta hiriburuko kale estu batean dago. Japoniako enbaxadoreak eta funtzionarioek egunero ikusten dute enbaxadatik irteten direnean. Ez dago beste erremediorik, ezin dute brontzezko neskatoa saihetsi. Estatua asteazkenean jarri zuten, azken hogei urteotan biktimetako batzuek enbaxadaren aurrean astero egiten duten elkarretaratze egunean. Kontzentrazioa egiten duten emakumeak gero eta gutxiago dira. Izan ere, biktimak 80 urtetik gorakoak dira, eta horietako asko hil egin dira. Japoniak protesta egin du, baina Seulgo gobernuak erantzun dio ez dagoela prest herritarrei oroigarria kentzeko eskatzeko. Atzerri Ministerioko bozeramaile Cho Byung-jaek argi hitz egin du auziaren inguruan: «Japoniako Gobernuak hobe luke, estatua kentzeko eskatu baino, bere buruari galdetuko balio zergatik biktima horiek ari diren azken hogei urteotan elkarretaratzeak egiten, astero eta hutsik egin gabe». Koreako biktimak erantzukizuna eskatzen ari zaizkio Japoniari, gerran egindakoagatik. Gurean ere indarkeria guztien biktimak euren eskubideak aldarrikatzen ari dira. Juan Jose Ibarretxek, EAEko lehendakaria zenean, barkamena eskatu zien ETAren biktimei 2007an, Euskalduna jauregiko ekitaldian. «Ez dugu jakin indarkeriaren erasoa pairatu dutenei geure sostengua modu kolektiboan transmititzen», aitortu zuen. Hitz horiekin errealitate gordinaren berri eman zuen: Euskal Herrian badagoela jendea, ETAren jarduera txalotu edo justifikatu duena; badagoela jendea, hori justifikatu ez arren, beste aldera begiratu duena. Euskal Herrian, baina, izan da bestelako indarkeriarik ere. Hori pairatu dutenak estatuaren indarkeriaren biktimak ditugu. Tortura, esaterako: herri honetan ehunka eta ehunka torturatu izan dira. Biktima horietako asko ez ziren ETAko kideak, baina horrek ez du ardura, azken batean bereizketa egiteak tortura justifikatzea baitakar askotan: herritar xume bat torturatzea ez da onargarria; etakide bat torturatzea, bai. Euskal Herrian eta Espainian badago jendea, hori justifikatu duena. Beste hainbat lagunek, aldiz, beste alde batera begiratu dute, eta ez dute ahotsa altxatu. Biktimen aldeko ekitaldi gehiago izango dira geroan. Oroigarriak ere eraikiko dituzte. Seulgo ekimena eredugarria izan liteke torturaren biktimak omentzeko eta etorkizunean halakorik ez izaten laguntzeko. Estatuak Seulgoa bezalako estatua bat jarriko balu leku publikoetan, bidearen erdia egingo luke bere aparatuak egiten duen torturaren kontra. Herritarrak eta, batez ere, poliziak kontzientziatu nahi balitu ankerkeria horren aurka, izango luke, bai, estatua non kokatu: Madrilen, DGSren egoitzaren aurrean; Euskal Herrian, Indautxuko komisariaren eta Intxaurrondoko kuartelaren parean, baita Ertzaintzaren egoitza nagusien ondoan ere… Brontzezko estatua bat izango litzateke. Emakume bat irudikatuko luke, aulki batean eserita, ortozik, eskuak atzean lotuta, eta begiak zapi batekin estaliak. Poliziek, guardia zibilek eta ertzainek torturaren biktimen brontzezko oihuak entzungo lituzkete egunero lanetik irtetean, eta gogoan izango lukete giza eskubideak urratzen dituzten bakoitzean gizakien duintasuna ere txikitzen ari direla. Gizarte bat ez dela demokratikoa izango tortura desagertu arte, giza eskubideak urratzeak benetako demokrazia ezabatzen duelako. Gau erromantikoa Saltokiaren erdian Call of Duty: Modern Warfare 3 bideo jokoaren publizitatea dago. Umeak eta helduak soldaduaren figurari begira gelditzen dira. Jendea hara eta hona doa, opariak eskuetan. Ilara luzeak daude ordaintzeko. Eguberrietako kantak entzuten dira airean, baina gerlari unibertsalaren bihotza ez da hunkitzen. Hortxe dago, tente, gu herritar koldarron alde hiltzeko prest. Duela hamar urte, Suitzako Franz-Carl Weber jostailu enpresa handiaren buruak gerra jostailu gehiagorik ez saltzea erabaki zuen, Eguberrietako kanpaina hasi baino lehen. Zuricheko umeak ez ziren gehiago jolastuko berak saldutako alegiazko armekin. Akabo itxurazko lapur, polizia, cowboy eta soldaduak; akabo gezurrezko lapurretak eta hilketak. Weber familiaren enpresak historia luzea du, bere web orrian ageri denez. Alemania hegoaldetik Suitzara joandako gazte batek sortu zuen, 1881ean. Bavariar hark osatutako enpresa hiru mendean garatu da, eta 130 urte ditu jadanik. Saltokiak 6.919 metro koadro ditu guztira, eta 220 enplegatu. Gerra jostailuak ez saltzeko erabakia 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondorioz etorri zen. Ez dago argi borondatezko ekimena izan ote zen edo mugimendu bakezalearen aspaldiko presioen ondorioz. Edo enpresako administrazio kontseiluko kideek horrela jokatzea aholkatu ote zioten Weberri, taldearen izen ona gogoan. Izan da gerra eta sarraskirik hiru mende hauetan, jostailu mota horiek gure begien aurretik kentzeko modukorik, nahi izanez gero: kolonizazio gerrak, lehen eta bigarren mundu gerrak, deskolonizazio gerrak... Jakina, orduan gerraren kontrako kontzientzia zibila orain baino ahulagoa zen; garai haietako pentsamendu nagusia ez zen joera horretakoa. Vietnameko gerra mugarria izan zen mugimendu antimilitaristaren garapenean, baina Weber familiak ez zuen ezer egin Coloradoko red-neck gazte kristauek asiarrak hiltzen zituzten garaian. Timothy McVeigh soldadu ohi zuriak Oklahomako sarraskia eragin zuenean ere ez. 2001eko irailaren 11n, Islamaren izenean inperioari eraso ziotenean, orduan bai, begiak ireki zitzaizkien jostailu saltzaileei: zeinen txarrak diren gerra jostailuak! Zeinen txarrak, batez ere, mairuen umeen eskuetan daudenean. Eta debekatu egin zuten saltzea. Franz-Carl Weberrek, baina, beste batzuek baino beranduago hartu zuen erabakia: 1999an, Loebek, Bernako saltoki erraldoiak, jostatzeko soldaduak, pistolak eta tankeak kendu zituen apalategietatik. Gure belaunaldiko umeok pistolak eskuetan hiltzen genuen elkar, olgetan. Pistoiak sartzen genituen alegiazko armetan, eta hortxe ibiltzen ginen zarataka, atzean ustezko bolboraren usaina utzita. Orain finagoak gara, antza: oraingo umeak ez dira tiro jolasean ibiltzen kalean; pantailako gerra birtualean akabatzen dituzte urruneko arerioak. Orain gaizki ikusita dago kalean ibiltzea pistola eskuan eta kartutxo-uhala gerrian. Zibilizatu egin gara. Gerra ez da hain basatia: etxe barruan egiten da, edo kanpoan, baina High Tech tresna zoragarriekin. Atzamarra pantailan borrokak eragiteko erabiltzen dugu, ez katua sakatzeko. Saltokiko eskaileretan behera joan naiz, irteteko asmoz, eta soldaduarekin egin dut topo, berriz. Gizona ez da nekatzen, tente eta baliente segitzen du. Atera hurbildu eta egonaldi bereziak eskaintzen dituzten kutxa koloretsu horien atalean gelditu naiz. «Lagunduko dizut». Neska irribarretsua da. «Hau relax pack bat da, spa eta guzti. Honetan bi lagunentzako afaria duzu». Beste kutxa bat hartu dut. «Hau gau erromantikoa da hotel batean», esan dit. «Gau erromantikoa gaur izango dut nik» eten diot, irribarretsu ni ere. «Gaur bustiko zara?», erantzun du lotsagabe eta barreka, aditza bihurkari bihurtuz. Portugesaren doinu gozoa ateratzen zaio espainolezko ezpainetatik. Porto da Barrako kolorea du azalean. Sorria, voce está na Bahía. Apian, apika Ostegunetik larunbaterako jauzia egin dute Apian. Bertako gobernuak ordua aurreratzea erabaki du, eta 24 orduko tartea jan dio egutegiari. Egun bat desagerrarazi egin du: ostirala. Aste honetako osteguna bukatu, eta larunbata hasi da bertan. Ostegunera arte Samoako hiriburuan Sydneyn baino 21 ordu gutxiago ziren. Australiako hiriburu ekonomikoan goizeko bederatziak zirenean, eguerdiko hamabiak zituzten Apian, baina egun bat lehenago. Hogeita lau ordu aurreratuta, hiru ordu aurretik ibiliko da orain Apia. Bertan eguerdia denean goizeko bederatziak izango dira Sydneyn. Aussie-ak ohetik jaiki berriak izango dira, fresko-fresko. Haiekin negozioak egiteko tenore egokia. Samoak AEBekin merkataritzan aritzeko aldatu zuen ordua, duela 119 urte. Orain business gehienak Australia, Zeelanda Berria eta Txinarekin egiten ditu. Horixe izan da aldaketaren arrazoia. Apiatik Sydneyra 4.338 kilometro egongo dira beti, baina denbora-distantzia murriztu egin da elkarrekin hobeto lan egiteko: ostegunean 21 orduko aldea zuten; gaur, hiru. Distantzia geografikoak ezin dira aldatu; denborarenak, bai. Gogoa da kontua. Euskal Herriko politikaren geografian distantziak handiak dira zenbait kasutan, eta orduak ere bai. Horrek guztiak aurrera egitea oztopatzen du. Nolakoak dira EAJren eta UPNren arteko geografia-distantzia eta denbora-distantzia? Zer ordu agertzen du Antonio Basagoitiren erlojuak? Eta Rufi Etxeberriarenak? EAJren eta Amaiurren arteko distantziek zer esana eman dute asteon. Espainiako Kongresuan eraikuntza nazionalaren alde lan egiteko prest ote dagoen argitzeko eskatu dio BBBko buru Andoni Ortuzarrek Amaiurri. Hori argitzeko, baina, lehenik eta behin eraikuntza nazionala zer den zehaztu beharko litzateke. Suposatu egiten da Euskal Herriaren eraikuntza nazionala izango dela —edo batzuen Euskadi —. Pentsatu ere egin liteke eraikuntza nazional hori Euskal Herrian gusturago sentitzeko proiektua izango dela, ez euskal herritarrak Espainian gusturago egoteko —EBBko buru ohi batek horixe proposatzen zuen—, azken aukera hori Espainiaren eraikuntza nazionala indartzea izango litzateke eta. Azaroaren 20ko bozen ondoren jeltzale batek esan zuen Amaiur nahasmena dela, ikuspuntu anitzetako jendea, ordena itxurarik ematen ez duena. Amaiur, berez, koalizioa da, eta logikoa da pentsamolde diferenteak izatea, baina berdintasunek eta helburu komunek diferentzia horiek baino eragin eta ondorio askoz handiagoak dituzte. Koalizioa horretaz jakitun da, eta alde horiek lantzen dabil. Baliteke EAJ urduri egotea Ajuria Enearantz begira. Ulergarria da diskurtsoa klabe abertzalean sakontzen saiatzea, baina Amaiurri kontuak eskatzea nagusikeriaz jokatzea da. Ezker abertzaleak apustu garbia egin du borroka politikoa modu baketsuen bidez eramateko, independentzia helburu. Amaiur subiranotasunaren aldeko lanean ari da. Noraino heltzeko prest dago EAJ? Ahots eta norabide argia du? Izan ere, Amaiur ordenarik gabeko lagun multzoa dela diotenek Marx anaien ganbara dute Sabin Etxean. Armairua ireki eta hortxe ageri dira nahasian: Gipuzkoako independentistak, Arabako subiranistak , Bizkaiko autonomistak, Bilboko autonomista-erregionalistak … Hori guztia gutxi ez, eta bada alderdiaren barne hauteskundeen prozesuari gardentasun demokratikoa ukatu dionik. Ez da hori bozetatik aterako den zuzendaritza berriari ongietorria egiteko modurik onena. Ez da inori lezioak eman edo elkarri kolpeka hasteko garaia, denbora-distantziak murrizteko baizik, elkarrengana hurbiltzeko. Zer egin, horixe gakoa: ordua atzeratu edo aurreratu. Zertarako, argi egon beharko litzateke: ez AEBekin edo Txinarekin negozioak egiteko, eraikuntza nazionalaren alde egiteko baizik. Ez Samoan, ez Australian, Euskal Herrian baizik. Eskerrik asko aldez aurretik Urtearen amaierarekin batera hitz debekatuen zerrenda kaleratu du Michigango Lake Unibertsitateak (AEB). Azken 37 urteotako ohitura honekin, erabiliaren erabiliz benetako esanahia galtzen ari diren hitzak edo esamoldeak baztertzea proposatzen dute mundu osoko ingeles hiztunek. 2011ko zerrenda osatzeko prozesuan milaka lagunek hartu dute parte. Hona hemen debekatutako hitz batzuk: amazing(zoragarria) —«gaur dena da zoragarria», argudiatu dute horretarako— ; shared sacrifice (sakrifizio partekatua) —«normalean, sakrifizioa partekatzeko eskatzen badizute, zure bizkar utziko dute sakrifizio osoa»— eta thanks in advance(eskerrik asko aldez aurretik) —«eskerrak aldez aurretik ematen badizkizute, zerbait egitera behartu nahi zaituzte, zu zor moraletan utzita»—. Hitzak debekatzeko agindua txantxetakoa da Michiganen. Beste leku eta kasu batzuetan, ordea, ez. Grande-Marlaska epaileak 2012ko hitz eta lelo debekatuen zerrenda osatu du. Horren arabera, gaur Bilbon egingo den manifestazioan zer esan eta zer ez zehaztu du: zeintzuk preso askatzeko eskatu eta zeintzuk ez; ez da zilegi amnistia aldarrikatzea; ezin argazkirik erakutsi; ezin elkartasunik adierazi... Antolatzaileek manifestazio isila egitea erabaki dute azkenean, horixe baita modurik onena ekitaldia arazorik gabe egiteko. Ez da lehen aldia izango, herritarrek kalera halako baldintzetan irten behar dutena, eta, zoritxarrez, ez da azkena izango. Hurrengorako, baina, proposamen bat: manifestazio isila barik, manifestazio isilarazia egitea. Milaka herritar isilek irudi esanguratsua hedatzen dute, baina eragin askoz ere handiagoa izango luke herritar horiek guztiok ahoan esparatrapua itsatsita izango balute. Orduan bai izango litzateke manifestazioa benetan isila akustikaren aldetik —ez hots, ez ahots, ez harrabots —; orduan bai, mezu benetan zuzen eta zirraragarria. Ertzaintzari argi ibiltzeko eskatu dio epaileak, eta manifestazioaren kontra egiteko, jarritako baldintza horiek betetzen ez badira. Israelgo eta Alemaniako poliziek omen dituzte munduko segurtasun eta kontrol sistema eraginkorrenak. Ertzaintzan aspaldidanik dute aditu horien berri. Batek daki Ares jaunaren neska-mutilak ez ote diren jadanik baliatuko Alemanian erabiltzen ari diren teknikaz: die stille SMS, hau da, SMS isila. Poliziak mezua bidaltzen du herritar susmagarri baten sakelakora, baina hura ez zaio hartzaileari agertzen. Mezua ez da existitu ere egiten erabiltzailearen begien aurrean, isila da, baina telefonoak operadorearen sareak hurbilen duen gelaxkarekin bat egiten du, eta bidalketa erregistratu egiten da. Delitu kasuetan, erregistratutako datuak eskatzen dizkio Poliziak telefono konpainiari, susmagarriaren mugikorra leku jakin batean ote zegoen jakiteko. Ipar Renania-Westfalia land edo estatuko Poliziak 255.000 mezu isil bidali zituen 2010ean, asteon jakinarazi dutenez. Alemanian 16 land daude guztira. Atera kontuak, zenbat mezu isil bidaltzen dituzten urtean. Susmagarriak kontrolatu nahi dituzte. Susmagarria nor den eta zergatik, horixe galdera. Delituaren definizioa ere bai. Laster, galdeketetan, poliziek ez dute jakin nahi izango herritar batek zer egin zuen egun jakin batean, telefonoa non zuen baizik. Horretarako pantailan agertuko ez den mezua igorriko dio susmagarriari, eta kito. Gaurko manifestazioari dagokionez, galdera ez litzateke izango larunbatean non egon zinen, herritar susmagarri hori, urtarrilaren 7ko arratsaldeko bostak eta hamarrean, seietan edo zazpiak hogei gutxiagotan zure sakelako telefonoa non zegoen baizik. Batez ere, baten batek, deskuiduan, Grande-Marlaska jaunak gustuko ez duen zerbait esan edo eginez gero. Baina lasai: antolatzaileek adierazi dute ez dutela emango mobilizazioa indargabetzeko aitzakiarik. «Historikoa» izango da. Eskerrik asko aldez aurretik. Eskoziarra izan nahi nuke Inoiz ez zait whiskia gustatu, malta onenaz egindakoa ere ez, baina eskoziarra izan nahi nuke. Ez naiz bertako pub zale horietakoa, Europa erdialdeko cafe zaharrak nahiago ditut sozializatzeko, ez Starbucks edo Cafe di Roma horiek, Cafe de l'Opera baizik, baina eskoziarra izan nahi nuke. Ez dut Ness lakuko munstroan sinesten, eta ez nuke kilt, gona koadrodun horietako bat jantziko, ezta inauterietan ere —hankak hondartzan eta intimitatean baino ez ditut erakusten, eskola zaharrekoa naiz—. Baina, hala ere, eskoziarra izan nahi nuke. Batetik, inbidia ematen didalako Erresuma Batuko Gobernuak Edinburgok egin nahi duen independentziari buruzko erreferenduma normaltasunez hartzeak —beste kontu bat da bozketa nola kudeatu eta bideratu nahi duen—. Bestetik, eredugarritzat jotzen dudalako Alex Salmond gobernuburu eskoziarrak Londresen aurrean ez makurtzeko erakutsi duen irmotasuna. Badugu zer ikasia hemen. Eskoziako Alderdi Nazionala gutxiengoan agintzen ari da, baina hori ez da aitzakia izan herritarrei iazko hauteskunde kanpainan agindutakoa ez betetzeko. Erreferenduma 2014ko udazkenean egin nahi du Salmondek. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak bozketa lehenbailehen egiteko erantzun dio, ahal dela 2012an bertan. Bakoitzaren jarreraren atzean arrazoi politiko eta ekonomikoak daude. Londresek oraingo krisialdia aprobetxatu nahi du burujabetasunak Eskoziako herritarren artean sor lezakeen egonezinaz baliatzeko. Salmond, ostera, susperraldi ekonomikoaren zain omen dago, eta ez du askorik arriskatu nahi. Beste alde batetik, Cameronek hautu bakarra nahi du bozketan sartu beharreko galderan: independentzia bai ala ez. Salmondek, aldiz, hirugarren aukera bat gehitzea proposatu du: autonomia handiagoa lortzearena. Gainera, esan du galderaren auzia Edinburgok erabaki behar duela, eta Londresek ez diola esan behar zer egin behar duen eta zer ez. Iritziak iritzi, aipagarriena alde bakoitzaren jarrera dugu. Londresek ez du Edinburgo mehatxatu, eta ez du, printzipioz, Eskoziak erreferenduma antolatzea eragotziko. Gainera, bete beharreko emaitza izatea nahi du. Horrela, argi utzi du subjektu politiko bakarra eskoziarrek osatzen dutela. Eskoziarrek beraiek erabaki behar dute. Cameronek ez du esan Edinburgo eta Glasgoweko herritarrek ez ezik, Londres eta Manchesterkoek ere izan beharko luketela bozkatzeko eskubidea —Espainian ez dira gutxi Euskal Herriko etorkizuna Cuencako herritarrek ere erabaki behar dutela diotenak, eta hori argudiatzen duten guztiak ez dira eskuinekoak, ez horixe—. Erresuma Batuak baturik segitzen lagunduko lukeen prozedura nahi du Cameronek bozketan. Ados egon ez arren, jarrera ulergarria da. Alde bakoitzak berea defendatu egin nahi du, eta horrek tirabirak eta gaizki-ulertuak sortuko ditu, baina inportantena hauxe da: Londresek Eskoziako autodeterminazio erreferenduma onartzea. Erresuma Batuak ez du idatzizko Konstituziorik, baina mendeetan indarrean egon diren legeak erabiltzen ditu gobernatzeko. Lege horietan zaharrena 1215. urtekoa dugu. Espainiak, aldiz, 34 urteko Konstituzioa du, besterik ez. Britainiarrek ez dute idatzizko Konstituzioa izango, baina espainiarrek baino tradizio demokratiko handiagoa dute. Gainera, zertarako nahi duzu Konstituzioa XXI. mendean demokraziaren oinarrietako bat, herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea izatea, ukatzen baduzu? Eskoziarra izan nahi nuke. Neure herriaren, komunitatearen etorkizuna bakean eta normaltasunez erabaki ahal izateko, inolako mehatxu eta oztoporik gabe —berdin dit 2012an edo 2014an—. Eta, bide batez, Europako beste herri eta estatuei erakusteko badagoela modua Europa barruan arazoak modu zibilizatuan konpontzeko. Eskoziarra izan nahi nuke. Non sinatu behar dut? Ume lapurtuak Ume lapurtuen eskandalua gero eta handiagoa da. Aste honetan beste hilobi bat agertu da hutsik. Lapurretak azpijoko edo sare antolatu baten bidez egin zirela esateko goiz dela azaldu du aditu batek. Patxi Lopezek, aldiz, teoria horren alde egin zuen atzo. Baliteke batak zuhurregi jokatu izana, eta besteak ausartegi, baina auziak ez du itxura onik. Lopezen teoria zuzena izan liteke, kasuak gertatu ziren garaiari eta testuinguruari begiratuz gero: 60, 70 eta 80ko urteak. Francoren agintaldia edo, diktadura teorian desagertu arren, lau hamarkadatan ereindako menderatze sozialaren uzta artean bizirik zegoen denbora. Orduan, boteredunek eta boteretsuek uste zuten herritarren gaineko erabaki guztiak hartzeko ahalmena zutela. Zigorgabetasuna, pertsonaren duintasuna ezabatzeko. Herritarrak mendeko zapalduak ziren, askotan kuraia zibilik gabe oldartzeko. Zapalkuntzak, umiliazioak eta zigorrak esklaboago bihurtzen dituzte esklaboak. Familia bakoitzean ez da Espartako bat sortzen, horien kontra egiteko. Garai ilunenetan jende xeheak nahiko lan du eguneroko bizimodu tristean aurrera egiten saiatzearekin. 2012an ez da ezinezkoa umeak lapurtzeko sare bat egotea, baina gizarte zibilak hobeto kontrolatzen du boterea. Zenbait arlotan, beste kontzientzia bat dago. Herritarrek badakite euren eskubideen berri. Oraingo ama batek nekez sinetsiko luke ume baten heriotza, mediku, erizain edo moja baten ahotik azaleko azalpenak jasota. Azpijokoaren susmoak frankismoaren boterearen hiru zutabeei lotuak dira. Batetik, botere politikoa dugu. Aldez edo moldez, umeak lapurtzen lagundu zien berak inposatutako erregimen politiko eta sozialean ondo txertatuak ziren eta harekin erlazio onak zituzten herritarrei. Ikusteko dago esku hartze aktiboa izan ote zen, edo soilik ezjakinarena egitea, baina argi dago delitu horien egileek babestuta ikusten zutela euren burua. Umeak lortu nahi zituztenek bazekiten norengana joan laguntza eskatzeko; lagundu nahi zutenek bazekiten nora, zer inguru sozialetara jo, ume horiek lortzeko. Auzi honetan ez dugu Neguriko oligarkiako familia aberats baten salaketa bat bera ere ikusi. Ez dugu ikusiko. Bestetik, botere ekonomikoa dugu. Halako delituak egiteko babes politikoa eta, behar izanez gero, lotura eta baliabide ekonomiko egokiak zituzten pertsonek osatzen zuten botere hori. Bilbo aldeko konparazioekin segitzeko: 60 eta 70eko urteetako Zorrotza auzoko Zazpi Landa azpi-auzoko bikote batek halako krimenik egin nahi izan balu, ez zuen ez kontakturik, ez dirurik izango aurrera segitzeko. Azkenik, eliza ofizialeko zenbait kidek boterearekin zuten harreman estua dago, moral kristauaren ikuspegi itxia lagun. Itxia eta fariseua. Zenbait kasutan, neska bat haurdun egonez gero, ez abortatzeko konbentzitzen saiatzen ziren. Erdituz gero, beste familia bati ematen zioten umea. Horretarako, neska onean gozatu edo txarrean mehatxatu egiten zuten. Edo gezurra erabiltzen zuten, haurra hila zela esanez. Fetu baten garapena etetea munstrokeriatzat jotzen zutenei ez zien ardura ume jaioberri bat gupidarik gabe amaren magaletik kentzeak. Halakoak egiten zituztenek sentimendurik ba ote? Bai, noski. Guk krudelkeria noraino iristen den galdetzen diogu, harrituta, geure buruari, baina egun batetik bestera haurra jasotzen zutenek, egia jakinda edo ezer galdetu gabe, sentimendu onak zituzten, seguruena. Pozik hartzen zituzten umeak, jatorrizko etxeetan baino maitasun handiagoa eta baliabide gehiago eskaintzeko. Eta euren ama edo aita sena modurik krudelenean asetzeko. Pentsatuko zuten, gainera, horrela umea berrerosi egiten zutela familia edo inguru haien ustez penagarrien esklabotzatik. Horrek beste pentsamendu guztiak kentzen zizkien burutik. Umeak lapurtzen zituzten, baina barrena lasai zuten. «'Yes, sir'» Azken hamarkadetan Sir izendatua izateko aukerari ezezko biribila eman dioten lagunen zerrenda argitaratu dute Erresuma Batuko agintariek. Zerrenda horretan hainbat idazle, aktore, politikari eta artista daude. Batzuen arrazoiak erabaki hori hartzeko ezagunak dira; beste batzuenak, ostera, ez. Sir izan nahi izan ez dutenei buruzko informazioaren harira, Jon Snow kazetariaren kasua aipatu du The New York Times egunkariak. Channel 4 katearen iluntzeko albistegiko aurkezlea dugu Snow. Inperio Britainiarraren Ordenak ematen duen ohorea baztertzeko arrazoia argi azaldu du hark: «Ez dut uste lanean ari diren kazetariek sariak jaso behar dituztenik erakundeetatik, erakunde horiei buruz informatzeko ardura baldin badute». Batzuetan, jarduera profesionalak arazoak ekarri dizkio Snowi. 2008an traidorea deitu zion armada britainiarreko kapitain batek, Harry printzea Afganistanera borrokatzera bidaltzeko erabakiaren berri eman zuenean. Hedabideek isildua zuten informazio hori. Snowren argudioa abiapuntu interesgarria da kazetarien ustezko independentzia neurtzeko. Kazetaritza boterea fiskalizatzeko tresna izan da urteetan, baina joera hori moteltzen hasi da. Boterearen aurrean gizartearen fiskala izatetik gizartearen aurrean boterearen bozeramailea izatera pasatu dira kazetari asko. Egungo kazetari ugarik ahaztua dute prentsaren behinolako funtzio soziala. Mesedeak egiten dituzte mesedeen truke. Kritika gutxi. Prentsa arrosa herriaren opioa dela esango luke Karl Marxek, bizirik balego. Snowk boterearen sariak hartzeari uko egiten dio. Ildo horretan, badaude kazetariak enpresentzat edo erakundeentzat lan egiteari ezetz esaten diotenak, horrek etorkizunean haien jarduna baldintzatuko lukeelakoan. Haientzat pentsaezina izango litzateke eszedentzia hartzea enpresa pribatu batean komunikazio arduradun moduan lan egiteko, esaterako. Edo ministerio, sail edo alderdi politiko batean prentsa arduraduna izateko. Gero, hedabidera itzultzean, nor fidatuko da haien independentziaz, lau edo zortzi urtean jaten eman dienaren lana aztertzen hasten direnean? Tradizio anglosaxoniarra eta gurea desberdinak dira. AEBetan, esaterako, zenbait kazetari ezagunek inoiz ez dute botorik ematen. Haien ustez, boto emate hutsak agerian uzten du joera politiko bat badutela, botoa sekretua izan arren. Eta haien joera bakarra boterea fiskalizatzea da, gizartearen mesederako. Alde onak eta txarrak izango dira hor. Agian, barregarria irudituko zaigu jarrera hori, muturrekoa. Hemengo beste jarrera bat ere muturrekoa da, baina: kazetariok ez dugu erreparorik geure iritzi politiko partidistak azaltzeko. Eta kapazak gara igandeko bozetan alderdi politiko batentzako botoa eskatzeko, eta astelehenean botoa publikoki ukatu diogun alderdiko presidentearengana joateko, lasai asko, elkarrizketa bat eskatzera, gure independentzia agiria ahoan. Hori lotsagarria izango litzateke AEBetan. Kolore politikoak asko markatzen gaitu hemen. Politikariek eta kazetariok badakigu zeintzuk diren gutarrak, eta zeintzuk ez. Politikari gutar bat elkarrizketatzen dugunean, normalean ez zaigu bururatzen galdera oso gogorrik egitea, gure armadako kapitain batek traidoretzat joko gaituen beldur. Lan zikin hori besteek, arerioek egingo dute. Duela urte batzuk, ETBko programa batean, EAEko lehendakaria agertzen zen kazetarien galderak zuzenean erantzuteko. Oso kasu gutxitan izan ezik, irribarrea eta rollito ona zen dena: ondo aukeratutako kazetariak, ondo neurtutako galderak, gure goiko agintariaren onerako. Bazirudien kazetariak jainkoaren aurrean zeudela, Japoniako enperadorearekin edo, tea hartzeko zeremonian belauniko. Ajuria Enean Ardanza zegoen, baina berdin dio: deskuiduan lehendakaria PSE-EEkoa edo ezker abertzalekoa izan balitz, nago, orduan ere, egoera ez zela oso diferentea izango: «Yes, sir…». Pablo eta sexua Euskal arazoa ez da ETA; euskal arazoa sexua da». Unibertsitateko kafetegiko mahaian daude eserita. Erdaraz ari dira, baina ez Bilboko erdararen doinuan. Neskak sexu askapenaren apologia egiten ari dira. Mutilak inkonformista itxura du, guay joerakoa, ordea. Bere ametsen berri eman die solaskideei: «Leku bat ezagutu nahi nuke, hilean 200 euro patrikan bizi nintekeena». Helbide elektronikoa idazteko gogoa piztu zait, lekua aurkituz gero, horren berri eman diezadan. Ez dut uste gure Robinson gazteak bere uhartea aurkituko duenik, edo luzaz eutsiko dionik bertan mundu kontsumistatik bakarturik egoteari, haren ipad-a gose greban hasten bada. Gauean etxera itzuli, telebista piztu eta Eduardo Madinari eginiko elkarrizketa agertu da, Espainiako hedabide bateko umorezko emanaldi batean. Politikari sozialistak barreka aitortu du euskaldun batek sekretu bat kontatu ziola behin: orgasmo bat izan zuela. Hori miraria! Horrek aurkezlearen iritzia berretsi du: euskal arazoa sexua da; hemen ez da larrutan egiten. Eta hori egia balitz, zer? Zer ardura die espainiarrei gure osasun sexualak, hain kezkatuta egoteko? Erantzun posiblea: libidoa ohiko era naturalean kudeatzen ez bada, modu basati, bortitzetara bideratzen omen da. Sexua, behar humano hori asea izanez gero, lasaiago bizi gara, pozik. Bizitza beste era batera ikusten dugu; nirvanan gaude ia-ia, etengabeko don't worry batean, arazo barik. Espainia aldetik pentsamolde hori esportatu nahi digute: egin txortan, eta geratu kortan. Txerri moduan, alegia. Hala ere, teoria hori ez da unibertsala. Ez ditut eskura Durex markaren urteroko inkesten datuak, baina, kontatzen dutenez, Frantzian Espainian baino gehiago egiten da. Gehiago, alaiago eta ozenkiago. Alta, horrek ez die gazte frantsesei kalera ateratzeko gogoa kentzen, gobernuaren kontrako neurriak salatzeko eta, batzuetan, geldiarazteko. Borrokatzeko. Beste sexu kultura bat dute Frantzian, beste borroka kultura bat. Espainian, aldiz, bestelakoa da kontua. Orain arte, behintzat. Horregatik, arlo horretan, badago zer ikasia frantsesengandik; kondoia duela 30 urte deskubritu zutenengandik, berriz, ez. Ez dugu larrutan egiten. Betiko kontua. Iritzi hori aitzakia moduan erabiltzen dute gure aldarrikapen politikoak indargabetzeko, zeren, noski, larrutan egiten ez duten bakarrak euskal herritar subiranistak dira. Euskal Herriko espainiar soberanistak edo espainiarrak beraiek, aldiz, ezin beroagoak eta lizunagoak dira. Sabino Aranak zilizioa erabiltzen omen zuen; Antonio Maura, Praxedes Mateo Sagasta eta Pablo Iglesias, berriz, Casanova edo Saderen jarraitzaile sutsuak omen ziren. Benetako frantses bat egiten edo dastatzen ikasteko ez dugu Parisera joan behar, Burgos liberalera baizik, mesetako tradizio libertinoan. Eta birmaniar bat behar bezala jasotzeko leku onena Toledo dugu, Moscardo jenerala hotelean. Euskal arazoa sexua omen da, baina baliteke arazoa, gure sexu falta ez ezik, beste batzuen sexu falta edo sexu ikuspegia ere izatea. Sexuari dagokionez, Mendebaldeko gizarte aktibo eta promiskuoenetako bat dugu Ingalaterra. Ustezko erromantizismo ingelesa Bronte ahizpen liburuetan geratu zen. Horregatik, errazago konponduko dira arazo irlandarra edo arazo eskoziarra, ingelesek beste era batera bizi dutelako sexualitatea. Espainiarren ustezko espiritu liberalaren azpian moral katolikoaren zama dago oraindik. Mendeetako zapalkuntza sexuala eta erreserba espirituala izatearen arduraren itzala ez dira kolpetik desagertzen, movida madrileñarekin eta Almodovarren kamerarekin, paketeak lehen planoetan grabatzen. Arrazoinamendu eskasa Espainian. Dena indarrez, por cojones. Hegoaldeko euskaldunok ere ez gaude herentzia horretatik libre, baina ez goaz munduan barrena sexu lezioak ematen. Euskal arazoa sexua da, bai. Arazo espainiarra ere bai. Prizzitarren ohorea Iñaki Urdangarin ez dute bideoz grabatuko epailearen aurrean deklaratzen duenean. Horixe erabaki du Jose Castro Aragonek, Palma Arena auziaren ardura duen epaileak. Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko bozeramaile Gabriela Bravok bat egin du Castro Aragon jaunaren erabakiarekin, «inputatu guztiak ez direlako berdinak». Bravo anderearen arabera, kameren aurreko grabazioan agertzea Urdangarinen irudia «estigmatizatzea» izango litzateke, iraintzea. Hori dela eta, Palmako dukearen ohorea zaindu beharra dago. Horixe da garrantzitsuena, Bravoren ustez. Bravo! Asmoa txalogarria izango litzateke, baldin eta Euskal Herrian zein Espainian justizia aferetan nahasita ibili diren eta ibiliko diren guztien irudiari ere kezka, ardura berberaz begiratuko baliote. Gauza jakina da orain ez dela horrela izaten eta geroan ere ez dela horrela izango. Hala ere, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko bozeramaileak ez du dudarik: herritar guztiak berdinak gara legearen aurrean. Horixe esan du, kopeta zimurtu barik. Berdinak gara denok, baina pasatu barik: errege-erreginek ohore handiagoa merezi dute. Printze-printzesek eta Prizzitarrek ere bai. Legeen aplikazioari dagokionez, badakigu berdintasunaren printzipioa nolakoa den. Badakigu orain ez dela Erdi Aroan bezala gertatzen, justiziak aurrera egin duela eta herritarrok babestuago gaudela arlo horretan, baina badakigu, baita ere, herritar guztiak ez garela berdinak justiziaren aurrean. Ez hemen, ez inon. Alta, leku batzuetan Espainian baino gehiago hurbiltzen dira berdintasun idiliko horretara. Justizia ez dabil oso ondo Espainian, baina badirudi Garzonen auzia lehertu arte herritar asko ez direla horretaz jabetu. Epaileek euren begien aurrean euskal herritarren aurpegiak txikiturik ikusi eta, ezer esan gabe, horiek espetxeratzeko agindua ematen dutenean, salaketarik ez. Justiziak funtzionatu egiten du. Justizia horrek Garzoni lepoa mozten dionean, orduan bai bidegabekeria! Urdangarinen kasuan gertatzen ari dena, hala ere, haratago doa. Azken berriak frogatzen ari direnez, justizia ez da berdina guztientzat, bai, baina hori baino gehiago ere badago. Klase politikoaren morrontza lotsagabea ere erakusten dute, salbuespenak salbuespen. Demagun herritar batek etxeko baten ustezko delituen berri badakiela eta lehenbailehen hori egiteari uzteko eskatu diola. Justiziari ez dio ezer azaldu, eta alde egiteko esan dio senideari. Arazo morala sortzen da hor. Alaba, suhia, senarra, emaztea edo aita salatu behar duzu justiziaren izenean? Halaxe egin behar zuen Juan Carlos erregeak? Ez naiz ni lehen harria botatzen hasiko. Gutako askok erregeak bezala jokatuko genuke, agian. Etxekoen alde. Baina hori gertatu eta gero, lotsa-lotsa eginda gordeko genuke kontua, paparra atera gabe. Gainontzeko herritarrek txalo egin beharko ligukete, ustezko gaizkile bati alde egiten edo ezkutatzen lagundu diogulako? Horixe egin zuten Espainiako Kongresuko diputatu gehienek Borboikoa abenduaren 27an ganberan azaldu zenean, agintaldi berriaren lehen ekitaldian. Bi minutuko txalo zaparrada Urdangarin auziaren harira elkartasuna adierazteko, hedabideen arabera. Elkartasuna eta txaloak bost urte lehenago irregulartasunak ezkutatzen lagundu zuenari? Eskerrak futbola dugun eta hiru urtean behin Athleticek eta Bartzelonak Errege Kopako finala jokatzen duten. 2009an Patagonian entzun omen ziren Espainiako errege-erreginak agurtzeko milaka lagunek egin zituzten txistu eta oihuak. Aurten, egoera nola dagoen ikusita, harrera beroagoa eta adeitsuagoa izango da, dudarik ez egin. Erregeari lotsa gabe txalo egin zioten diputatuek lotsagabe deituko diete, lotsa gabe, milaka euskaldun eta katalani, baina berdin dio: txistuak Hego Tasmanian entzungo dira aurten. Grebarik ez Greba orokorrak badu eguna Espainiak administratutako eta eskubide politiko eta sozialez pobretutako Euskal Herrian: martxoaren 29a. Rajoyren gobernuak onartutako lan erreformak egonezina eta haserrea eragin ditu, eta sindikatuek protesta egiteko erabakiaren berri eman dute. Erreformak kaleratzeak errazteko balioko du, bereziki. Enpresariek libre izango dituzte eskuak langile kopurua euren komenentzien arabera murrizteko, galera ekonomikoak izan gabe ere. Aldaketak bultzatu dituztenek beraiek onartu dute epe ertainera ez dela lanik sortuko. Sozialistek, agintzen zutenean eskubide sozialak murriztu zituztenek, erabat gaitzetsi dute PPren plana. Halaxe esan dio Rubalcabak Rajoyri, Madrilen. Gasteizko gobernutik berdin antzean mintzatu dira PSE-EEko kideak. Haien ustez, kaleratzea merkatzea eta negoziazio kolektiboa lehertzea ekarriko ditu erreformak. Ez da oso azkarra izan behar hori ikusteko. Orain, enpresa batek gutxiago ordainduko du eta oztopo gutxiago izango ditu langileak kalera bidaltzeko. Bestalde, beharginek eta enpresaburuak negoziatzeko garaian teorian duten berdintasuna hautsi egingo da. Lan harremanetarako erreferentziak eta abiapuntuak enpresa bakoitzaren barruan bertan ezarri, garatu eta mugatu nahi dituzte enpresariek. Ez dute arau edo lege orokorrik desio. Langileak enpresako buruaren aurrean sinatutako hitzarmena gizarte eragileek negoziatutako esparru orokorretik aterako litzateke. Bion arteko akordioa izango litzateke, itun pertsonala, berdintasun faltsuan oinarritua. Bien egoera berdin-berdina izango balitz bezala. Biak tabernan txikiteoan ibiliko balira bezala, kuadrillako lagun moduan. Enpresariak hitzarmen kolektiboak baztertzearen aldekoak dira. Enpresa bakoitzaren baldintzetara egokitutako hitzarmenak proposatzen ari dira. Bada sindikatuen lana gaitzesten duenik, eta 21. mendean horien lana beharrezkoa ez dela dioenik. Horiek ez dute zalantzan jartzen, ordea, enpresarien elkarteen eginkizuna, jabeen eskubideak eta interesak defendatzeko garaian. Langileek ez omen dute sindikatuen beharra. Bakarka negoziatu behar dituzte lan baldintzak eta soldata, askatasun osoz, nagusiaren aurrean. Nork sinesten du hilean 800 -1.000 euro irabazten dituen 45 urteko gizon edo emakume batek askatasun osoz negozia dezakeela bere lan etorkizuna odola xurgatzen dion multinazionaleko marrazoaren aurrean? Enpresariak pozarren daude. Gauzak haiek nahi duten moduan bideratzen ari da, behingoz, gobernua. Baina egindakoa ez da nahikoa, antza. Negoziazio kolektiboa lehertu dute, baina haratago joateko lanean ari dira. Greba eskubidea ere murriztu egin nahi dute. Horixe esan du Juan Rosellek. Greba eskubidearen esparrua txikitzeko araua arlo publikoan ezarri nahi du, batez ere, pribatuan nahiko ondo lotuta dago eta. Espainiako enpresarien burua beldur da, Bartzelonako garraio publikoko langileen grebak hilaren amaieran hiri hartan egingo den telefonia mugikorraren mundu kongresuari eragingo ote dion. Langileek greba eskubidea izan behar dute, jakina, baina enpresariek erabakiko dute noiz, non eta nola. Langileak ez dira halako ekitaldiez aprobetxatu behar euren aldarrikapenak kaleratu eta protesta egiteko. Ez da zuzena, gainontzeko herritarren kalterako izango delako. Enpresariek, aldiz, beste baldintza batzuk baliatzeko eskubidea dute, euren etekinak handiagoak izan daitezen. Lana merkea den lekuetara eramateko, esaterako. Berdin die horrek zer ondorio eta zer kalte ekarriko dion gizarteari. Metroko langileek San Tomas egunean greba egiteak kalte sozial itzela eragiten omen du; enpresa bateko ekoizpena Indiako edo Bangladeshera eramatea, lana 12-13 urteko neska-mutikoek egiteko, ez da inondik inora ere aprobetxatzea. Ez du esklabotza bultzatzen han; ez du pobrezia sortzen hemen. Ederrak entzun behar ditugu! 'Aire delizius huntan' Bigarren etxebizitzen eraikuntzari buruzko erreferenduma egingo dute Suitzan martxoaren 11n. Ekimena eraikin horiek ugaltzeak sor ditzakeen arazoei aurre egiteko bultzatu dute. Bozkatuko den proposamena onartuz gero, debekatu egingo litzateke udalerri batean dauden etxebizitzetatik %20 baino gehiago bigarren etxebizitzak izatea. Bigarren etxebizitza halaxe definitzen dute: pertsona pribatuek urtean zehar, tarteka, oporretarako erabiltzen dutena. Guretzat korapilatsua izan daiteke pertsona pribatuak terminoa —Privatpersonen—, baina hitza nahita aukeratua da. Izan ere, gizabanakoa nahasgarria da. Privatpersonen berbak hobeto mugatzen du eremua, hainbat kasu uzten baititu kanpoan: ostalaritzan alokatzen diren etxeak, ikastetxeek edo enpresek erabiltzen dituztenak ikasle eta langileekin... Debekua normalean bertan biziko ez den jendearen jabetzari ezarriko zaio soilik. Gainera, arauak ez du esaten orain dauden bigarren etxebizitzak bota edo desjabetu behar direnik. Eginda dagoena errespetatu egiten da. Legea geroari begira da. Proposatzen den %20ko mugaren arrazoia argi azaldu dute ekimenaren aldekoek: nahiko lekurik uztea herri bakoitzeko jatorrizko jendeak garapen propioa izan dezan. Suposatzen da jatorrizko adjektiboa komenentziazko erroldatzeak eragozteko jarri dutela. Halako mugak ezartzea ez da berria. Austriako Tirolen %8ko kopurua ezarri zieten bigarren etxebizitzei 90eko urteetan. Jakina da suitzarrek erreferendumak egiteko duten ohitura. Batzuek tradizio demokratikoaren seinale dela argudiatzen dute. Beste batzuek arriskutsua dela diote, eta iraganeko zenbait adibide aipatzen dituzte: suitzar pasaportea lortzeko, esaterako, erabakita dago atzerritarrek bizilagunen onespena jaso behar dutela zenbait kasutan. Bestalde, 2009an, baiezko botoa eman zioten suitzarrek meskitetan minareteak eraikitzea debekatzeari. Egia da. Suitzako demokrazian bada halakorik, baina egia ere bada soilik horien berri ematen digutela hemen. Minareteei buruzko ekimenarekin gora eta behera ibili ziren nazioarteko hedabideak bozketaren aurretik, baita gero ere. Hala ere, bigarren etxebizitzei buruzko bozketari buruz ez da ia ezer aipatu orain arte. Suitzarren barne arazoa omen da. Arrazakeriaren gaia heldu beharrekoa da, zuzenean eragiten diolako bizikidetzari. Alta, etxebizitza izateko eskubidearen bermea eta mugak ere garrantzitsuak dira, eztabaidatu beharrekoak. Gizakiak gara. Ulergarria da halako lekuan halako txokoa nahi izatea, asteburuak edo oporrak geure paradisuan emateko. Bizkaiko kostaldera goaz, kresalaren usainak mozkortu egiten gaitu, eta bertan etxe txiki bat erosteko gogoa pizten zaigu, buruan Bizkaia maite kantatzen dugun bitartean. Edo Iratin gaude, eta laborari izerditsuarengana goaz, Aire delizius huntan doinuaren birusak kutsatuta, etxalde xarmagarria salduko ote digun. Tratu ekologikoa izango da, gainera: baserritarra bertatik joango da eta arbolak pikatzeari utziko dio. Bigarren etxebizitza —edo hirugarrena, edo laugarrena…— izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, kenketa fiskal eta guzti. Baina zer izango litzateke leku jakin bat modan jarri, eta denok bertan eraikiko bagenu bigarren habia? Zer egin beharko lukete bertakoek? Edo zer gertatuko litzaiguke guri, urrez gainezka dauden batzuk —xeke arabiar islamistak edo Ameriketako aberats kristau integristak— gure herrira etorri eta lur gehiena erosiko balute, mugarik gabe, luxuzko spa-txaletak edo haien proiektu faraonikoak eraikitzeko? Herriko lur onena jabe bakar batzuen eskuetan egongo litzateke. Beraiek baldintzatuko lituzkete herri horren garapen eredua, bizikidetza eta ekonomia mota. De facto, beraiek erabakiko lukete bertako herritarren bizimodua zein izango litzatekeen. Horren aldekoak izango ginateke? Urte luzea EAJ eta ezkerreko subiranisten koalizioa nolabaiteko berdinketan daude, Eusko Barometroaren datuen arabera: jeltzaleek 22-23 eserleku lortuko lituzkete Eusko Legebiltzarrean, bozak orain egingo balira. Ezker abertzalea bere barruan izango lukeen hautagaitzak, berriz, 19-22. PSE-EEk behera egingo luke, eta PPri esker duen boterea ezerezean geratuko litzateke. Euskal subiranistak unionismoaren ordezkariei nagusituko litzaizkieke ganberan. Datuek nahiko ondo azaltzen dute EAEko errealitate soziopolitikoa. Izan ere, azken hiru urteetan Gasteizen izan dugun gehiengoa artifiziala izan da, ezker abertzalea legez kanpo utzi eta gero sortua. Azken agintaldia salbuespena izan da. Batek daki noiz arte ez den izango Ajuria Enean lehendakari unionistarik, batez ere mugimendu politiko zibilak hasitako bideari behar bezala eusten badio, alde baten indarkeria politikoa desagertu eta gero. Ez dago atzera egiterik. Legez kanporatzeek ez dute balio, Fernandez Diaz ministroak aitortu duenez. Hori jakinda, PSE-EEk ez du hauteskundeak aurreratzeko asmorik. Suizidio politikoa izango litzateke. Horregatik, saihetsezina ahalik eta gehiena atzeratzen saiatuko da: boterea galtzea. Horrek legebiltzarra gizartearen benetako isla izatea ekarriko luke, ondorio batzuekin: errealitate soziopolitikoa kudeatzeko ekimena beste batzuek izango lukete. Aldaketa instituzionala izan eta gero, garrantzi handia izango du EAJren anbiguotasun neurtuak. Sozialistak eta popularrak boteretik kanpo egonez gero —eta hori ikusteko dago oraindik, batez ere sozialisten kasuan—, ahaleginak egin beharko dira sentsibilitate politiko horiek akordio baten inguruan biltzeko. Lopez denbora irabazten saiatuko da, hilaren 8an aurkeztuko duen planaren bidez. Bitartean, PPk PSE-EEri laguntzen segituko du, gogorraren plantak egin arren. Hala ulertu behar dira Basagoitiren adierazpenak Abc egunkarian: «Guk inork baino gogo handiagoa dugu Batasuneko horiek harrapatzeko, baina gauza bat da zer nahi duzun, eta beste bat zer egin daitekeen». Nork esan du zakarkeria Ezker Aldearen eta ezker aldekoen monopolioa dela? EAJk prest du Ajuria Eneara itzultzeko bidea. Sozialistei ekonomiaren egoera txarra eta ekimen politikorik eza leporatuko die. Bilduri ere gaitasunik eza egotziko dio, koalizioak agintzen duen lekuan, Gipuzkoan. Azpiegiturekin eta, batez ere, gori-gori dagoen zaborra biltzeko atez atekoaren sistemaren gaiarekin. Greenpeacek sistema onena dela esan du, baina hori ez dute kanpainan adieraziko beste zenbaitetan erakunde ekologistaren kezkak errazago ulertzen dituztenek. Koalizioak kontu handiz ibili beharko du gai horren kudeaketan, boto periferikoak galtzea ekar bailezake. Zarautz ez da Hernani. Bi herrietako alkateak Bildukoak dira, baina gehiengo politikoak eta soziologiak desberdinak ditugu. Polo subiranistak, bestalde, indarrak batzen segitu beharko du, ondo neurtutako aurrerapauso gehiago eskatzen, alde bakarrekoak izan arren —Iñaki Antiguedadek asteon eginiko adierazpenak ildo horretan doaz—, eta jakinda Madrilek ez duela aise amore emango, Sarkozyk bidea erraztu arren. Epe ertainerako inbertsioa izango da, urrats bakoitzak, alde bakarrekoa bada ere, gero eta ageriago utziko baitu estatuaren inpotentzia. «Herri honek prentsa ez-nazionalista erosten du, baina boto nazionalista ematen du. Eguna helduko da prentsa ez-nazionalista erosi eta boto ez-nazionalista emango duena», esan zion behin Gipuzkoako egunkari bateko zuzendariak EAJko buru bati. Definizioetan ez zen oso fin ibili: herri honek prentsa nazionalista erosi eta erosten segitzen du, baina nazionalista espainiarra; bestalde, sozialistak eta popularrak sostengatzen dituzten boto asko ere nazionalistak dira, baina nazionalista espainiarrak. Botere aldaketa iradokitzen zuen iragarpenean asmatu egin zuen, ilegalizazioei esker. Baina ez dirudi luzerako izango denik. Aspirinak Missourin Pilula dugu antisorgailu onena. Pilula, baina ez edonolakoa; denon eskura dagoen pilula, oso merkea: aspirina. Pilula hori erabiltzeak, gainera, ez dio inolako ondoriorik eragiten emakumearen gorputzari: belaunen artean jarri, eta nahikoa da. Umerik ez. Horixe iradoki du Foster Friess aberatsak AEBetan antisorgailuei buruz piztu den eztabaidaren harira. Izan ere, bertako eskuinak protesta egin du, Obamaren osasun erreformak arlo sexuala hartzen baitu kontuan. Eliza katolikoa ez dago prest ordaintzeko bere erakundeetan lan egiten duten emakumeentzako familia planifikazioa. Zerbitzu hori AEBetako osasun arduradunek proposatzen duten laguntza medikoaren barruan sartzen da, baina antisorgailuak ordaintzea bere kontzientziaren kontra doala argudiatu du Elizak. Obamak amore eman, eta esan du beste bideren bat jarriko duela emakumeek antisorgailuak lortzeko, Elizak ezer ere ordaindu gabe. Elizaren salbuespena onartu dela ikusi eta gero, haien kontzientzia ere errespetatu behar dela adierazi dute enpresari lobby-ek. Beraiek ere ez dute nahi aseguruetan antisorgailuak sartzerik. Enpresari horiek estatuaren esku hartzea gaitzesten dute, baina ez dute erreparorik emakumeen osasun eskubidea urratzeko. AEBetako Ginekologoen Kongresuko presidenteorde Hal C. Lawrencek esan du kontrazepzioak amaren ongizatea hobetzen duela eta osasun arazo larriak dituzten emakumeei lagun diezaiekeela. Horrek ez die ardura. Enpresari batzuek ez dute ordaindu gura emakumeak nahi gabe haurdun ez egoteko botika edo metodorik, baina gero oztopoak jartzen dizkiote emakume haurdunari lan egiteko edo kontratatzeko. Paradoxa? Ez. Argi dago zergatik: emakumeak etxean egon behar du, umeak ekartzen eta umeak zaintzen. Ez dira garai onenak emakumeentzat —noiz izan dira?—. Alberto Ruiz Gallardonek ere berea bota du asteon. Espainiako Justizia ministroak azaldu duenez, emakumea abortatzera behartzen duen indarkeria estrukturala dago gizartean, eta horri aurre egin behar zaio. Haren ustez, amatasuna emakumeen eskubide garrantzitsuena da. Hobe hauxe esan balu: emakumeen eskubide funtsezkoenen artean badaude bi, bata bestea bezain errespetagarria: ama izateko eskubidea eta ama ez izateko eskubidea. Haurtzaindegi publiko gehiago, amatasun eta aitatasun baimen hobeak, lana eta umeen zaintza ondo ezkontzeko moduak, eta behar bezalako laguntzak egongo balira, babestuago egongo litzateke ama izan nahi duen emakumea. Baina hori guztia bermatuta balego ere, behartu egin beharko litzateke emakumea gogoz kontra umeak izatera? Eraso kontserbadorea hasi baino ez da egin gurean. Atlantikoz bestaldean, berriz, aspaldikoa da kontua. Abortua 1973tik da legezkoa AEBetan, haurdunaldiko lehen hiruhilekoan egiten bada, baina integrista kristauek inoiz ez dute amorerik eman haren kontra. Haien kanpainan edozein irainek balio du. Rush Limbaugh irrati esatari kontserbadoreak prostituta deitu dio bere programan Georgetowneko unibertsitateko ikasle bati, Sandra Flukeri. Limbaugh Missourin jaio zen, 1951ko urtarrilean, eta 70eko hamarkadatik ari da irratian. Zer egin du Flukek? AEBetako Kongresuan osasun zerbitzuen barruan antisorgailuak sartzeko eskatu dio gobernuari. Limbaughen arabera, Fluke «puta» da, «sexua izateko dirua nahi baitu». Gizona haratago joan da: «Haren antisorgailuak ordaindu behar baditugu, zerbait nahi dugu horren truke. Haren bideoak Interneten jartzea nahi dugu, geuk horretan ikusteko». Limbaughek urteak eman ditu mezuak modu argi eta zakarrean hedatzen. Eskuinaren ikonoa da. Aitona, aita eta anaiei bezala abokatua izateko grina piztu balitzaio, ez zuen irratian jardungo. Edo dantzari profesional trebea izan balitz —eskolan ez zen horretarako gauza—. Edo Missouriko emakume batek aspirina bat jarri izan balu belaunen artean 1950eko udaberriko egun batean. 'Adeu, Espanya!' Katalana zarela esaten duzunean, ez litzateke ulertu behar ezer edo inoren kontra zoazenik. Katalanak izan nahi dugu, eta kito». Katalanentzat ez ezik, guretzat ere balio handia du Sergi Lopezek joan den larunbatean Biltzar Nazional Katalana aurkezteko ekitaldian irakurritako diskurtsoak. Aktore katalanak, Western filmarekin ezagutu genuenak, elkartzeko eskatu zien independentista guztiei, Espainiatik konplexurik gabe aldentzeko eta estatua eraikitzeko. Lopezek —Sergi, ez Patxi— adierazi zuenez, independentzia aldarrikatzeko arrazoiak asko dira, «baita ekonomikoak ere», baina badira beste hamaika motibo: «Hizkuntza bat, kultura, lurralde eta nortasun bat defendatu nahi ditugu, mundua ikusi eta ulertzeko modu bat, azken batean. Baina independentzia eskatzen badugu, beste zerbaitengatik ere bada: sinesten dugulako lagundu egingo digula berdintasunezko gizartea eraikitzen, askoz demokratikoago eta justuagoa. Independentzia ez da bukaera, hasiera baizik». Independentziaren aldeko batasun deia Herrialde Katalanetan; independentziaren aldeko batasun deia Euskal Herrian. Ezkerreko independentistek eta subiranistek «akordio estrategiko nazionala» aurkeztu dute Baionan. Bidea gorabeheratsua izango da: unionistek hamaika oztopo jarriko dituzte. Batzuetan, argudioak; beste batzuetan, mehatxuak; zuzenak edo zeharkakoak. Komeniko da horiei guztiei adimenez eta irudimenez erantzuten asmatzea. Ez soilik gure ustezko iragan loriatsuaren nostalgia ahoan. Hobe faktore emozionalak eta arrazionalak ondo txertatzea, dosi egokietan. Independentziaren truke aza jatea onartuko luketenek beti emango dute horren aldeko botoa, baina nola erakarri bisigua labean nahiago dutenak? Areago: nola lortu bi muturren erdian dauden herritarren sostengua —gehienak dira horiek—, idealismo itsuan erori gabe? —bizi garen gizarteari erreparatuta, hobe errealismoari eusten badiogu—. Nola? Historia liburuak irentsaraziz ala gu guztiok hobeto bizitzeko independentzia modurik onena dela argudiatuz? Independentziaren hautua Europako Batasunaren barruan jokatuko da, eta argudio emozional hutsek ez dute balioko. Negoziazio mahaira konkistatuak baina ez garaituak dioen Asterix eta Obelixen kamiseta jantzita hurbiltzeak ez digu ezer ekarriko, beste aldearen barregura baizik: gure herrixka txiki polit zoragarrira itzultzeko eta Panoramixi edabe gehiago eskatzeko esango digu. Garaitu ez bagintuzten, zergatik ari gara orain, ba, kateak hautsi nahian? Egun batean erreferenduma egiten bada —eta egin egingo da, euskal gizarteak hala nahi badu—, hobe galdera ondo zehaztea. Ez da egokia izango galdera autonomia ala independentzia eta sozialismoa bikotea nahi ote dugun izatea, edo independentzia eta ekologismoa, independentzia eta ateismoa. Edo independentzia eta kapitalismoa bikotea nahi ote dugun, independentzia eta harrapakeria, independentzia eta katolizismoa. Banaketa eragingo du independentisten artean, eta porrota. Halakoetan hasiz gero, tranpan eroriko gara, ziri ederra sartuko baitigute: beste bost mende emango ditugu haien menpeko kolonialismoan, herritarrak geure gogoko eredu sozial eta ekonomikora nola etorrarazi eztabaidatzen. Bitartean, ez pentsa orain baino askeagoak izango garenik gizarte, genero eta ekonomia arloetan. Beste bost mende ezinean, euskal herritar guztiak ekologista, ateo edo komunista-libertario bihurtzeko alferreko ahaleginetan. Eta deskuiduan hori lortuko bagenu, Espainiak eta Frantziak hauxe esango ligukete: «Eta orain, zertarako nahi duzue estatua, anarkistak bazarete?». Lehena, independentzia, eta gero gerokoak. Independentzia, Sergi Lopezek Bartzelonan esan zuenez, ez baita bukaera, hasiera baizik. Independentzia, Lluis Llachek ekitaldira bidalitako mezuan adierazi zuenez, «argia» baita. Eta argia ondo ikusteko, argi ibili behar da. 'Halal', 'burger' eta abar Tolosako hilketen gaia bete-betean sartu da Frantziako presidentetzarako hauteskunde kanpainan. Sarraskia atzerritarrak eta segurtasunik eza lotzen dituen diskurtsoa indartzeko erabili nahi du eskuinak, eta askatasunak murrizteko. Mohamed Merahen nolabaiteko garaipena ere bada, post-mortem garaipena. Ustezko hiltzaileak Frantziako errepublika belaunikarazi nahi zuen. Ez du guztiz lortu, baina haren erasoak ondorioak ekarriko ditu legeetan: segurtasunaren izenean kontrol polizial eta sozial handiagoa ezarriko du Parisek, muturreko ideologiak dituzten webguneak itxiz eta haiek bisitatzen dituzten herritarrak kriminalizatuz. Adierazpen askatasuna mugatzen saiatuko da, zalantza asko sortzen dituzten argudio eta prozeduretan oinarrituz. Tolosako hilketen ondoren adierazpen askatasunari egin nahi dizkioten murrizketek agerian uzten dute erabateko adierazpen askatasunaren eskubidea gezurrezkoa dela. Mito horren arabera, zilegi da edozer argitaratzea, baina hori ez da guztiz egia. Bada salbuespenik: norbanakoaren ohoreari kalte egiten diotenean, adibidez. Adierazpen askatasunaren ilusioa saltzen digute, eta horri eusten saiatzen dira, adierazpen askatasuna erabiltzeak ordena sozial eta politikoa arriskuan jartzen ez duenean. Alta, hori gertatzen denean, jokaera aldatu egiten da informazioa kudeatzeko unean, informazio hori benetakoa izan arren. Esaterako: gerra denboran zentsura ezartzen da, zuzena edo zeharkakoa, herritarren eta soldaduen morala ez jaisteko. Gaur eta hemen informazio jakin batzuk gordetzen dira, «interes nazionalak» zaintzeko. Zenbait kasutan ez dago argi zeintzuk diren nazioaren interesak: lurralde horretan bizi diren herritarren interesak edo nazio hori sustengatzen duen estatuaren zerbitzari ustez leialenak. Ez dugu inuzenteak izan behar: botereak ez du beti utziko informazio guztia herritar guztien eskuetan. Inozokeria da hori pentsatzea. Baina ondo zehaztu behar da informazioa kudeatzen dutenen arduraren mugak zeintzuk diren, eta erantzukizun hori noiz bihurtzen den paternalismo, hortik autoritarismora urrats bat besterik ez baitago. Zigortu behar naute etsaitzat jotzen nauenaren webgunean sartu eta haren argudioak ezagutzegatik? Hemendik aurrera kontrol polizial handiagoa izango da. Denok genekiena adierazi du Sarkozyk, jende aurrean: Frantziako errepublikako herritarren ordenagailuak kontrolatuta zeuden, baina orain kontrolatuago egongo dira. Bestetik, zenbait lekutara bidaiatzeak susmagarri bihurtuko ditu herritarrak. Afganistanera edo Pakistanera joango dena susmopean egongo da, ofizialki, aste honetatik. GKE batean Lahoren umeei lagundu, edo Kabulen amona ikusi, berdin dio zer nahi duen. Susmagarria izango da. Ikusi egin behar zeren arabera erabakiko duten zein webgune den muturrekoa, zeinek hedatzen duen gorrotoa. Gorrotoaren hondarrak orri horien edukietan eta mezuetan daude, baina nago soilik alde bateko gorrotoari erreparatuko diotela, besteek gure kontra eragiten duten gorrotoari. Amorruzko sentimendu irrazional guztien adierazpena errotik moztu nahi badute, badute nondik hasi. Mendebaldeko herritarrak munduko gaitz guztien kulpa dugula eta heriotza merezi dugula dioten fanatikoen webguneak itxi behar badira gorrotoa hedatzen laguntzeagatik, zer egin behar da gure inguruko egunkari errespetagarriek gorrotoa hedatzen laguntzen dutenean? Zer egin ustezko lapur, bortxatzaile edo hiltzaile baten jatorriaren berri jakin eta gero, irakurle fanatikoei «hay que matar a todos los moros» eta halako esaldiak idazten uzten dietenean foroetan? Egunkariaren webgunea itxi? Foroko moderatzailea auzipetu? Foroko herritar-idazle aktiboa espetxeratu? Foroko herritar-irakurle pasiboa atxilotu? Inoiz salatu dute hedabide horiek euren foroetako kide bat gorrotoa hedatzeagatik? Soilik besteen gorrotoa da zigorgarria? Perrexil japoniarra Narkotrafikoak eragindako indarkeriari buruz galdetu zioten, duela gutxi, Carlos Salinas de Gortariri. Mexikoko presidente ohiak hori baino bortizkeria handiagoa bazegoela erantzun zion kazetariari: «Mexikoko bortizkeria latzena pobrezia da». Salinas de Gortari ez da marxista; ondo frogatu zuen bere agintaldian. Hala ere, hango errealitate soziala ezagutzen du, eta badaki goseak eta oinarrizko bizi-baldintzarik ezak indarkeriaren txakurrak xaxatzen dituztela. ¡Sin pan, sin paz!. Ogirik gabe, bakerik gabe. Horixe zioen Espainiako Gobernuaren lan erreformaren aurkako greban kalera irtendako manifestari baten kartelak. Argazkia Madrilgo protestaldian hartu zuten, antza, eta ondo azaltzen du herritar askoren egoera: kezka, egonezina, beldurra. Orain ezer ez da betiko. Lehen ez zen dena betiko, baina luzeagoak eta lasaiagoak ziren gure arnasaldiak. Eta herritar xumeak bere bizi-interesen defentsarako baliabide gehiago zituen eskura. Orain, aldiz, ... Belaunaldi berriek no future haren oihartzuna dute buruan. Asko hitz egin da gazteen desmobilizazioaren arrazoiei buruz. Hainbat daude. Horien artean, dudarik ez, komunikazio arazoa dago. Zaharrenek ez dute asmatu belaunaldien arteko lankidetza sozial eta humanoaren beharra transmititzen. Zaharrenek ez dute asmatu beren mezua hedatzen, baina paradisu sortzaileek, bai: etengabeko kontsumoan errotu eta eraikitako wonderland koloretsua saldu digute, ondo saldu ere. Orain geure burbuilan bizi gara, eta hurbil eta urruneko kleenex erlazioetan eraikitzen dugu gizarte likido aldakorra. Orain, etxean olioa bukatu bazaigu, ez gara gauza bizilagunari eskatzeko. Ez dugu jana prestatuko, eta kito. Nahikoa da Bergen, Montevideo edo New Orleanseko lagun birtualari esatea, lol sinbolo barregarrien artean, ezin izan dugula tortilla egin, zartagina erreko zitzaigun beldur. Eta hark konponbidea emango digu hurrengorako: oliorik gabeko tortillaren errezeta, Fukuokako chef batek garatua, Marrakex aldeko perrexilarekin. Geure burbuilan bizi gara, bakartuta, nahasmen ideologikoan galduta. Lotura sozialak beste era batera egituratzen ditugu, eta elkartasuna ere bai. Elkartasun birtuala, batzuetan. Antzinako ereduak aldatu edo suntsitu beharra dago, baina iparra galdu barik. Adibidez: gero eta jende gehiagok esaten du sindikatuek ez dutela ezertarako balio. Jakina, sindikatuak ez dira perfektuak. Huts egiten dute, eta garai berrietara egokitu behar dute, baina enpresarien eta langileen arteko bitartekariak dira. Funtzio sozial bat betetzen dute enpresetako buruen eta enplegatuen arteko harremanak bideratzeko. Sindikatuak desagertzearen aldeko mezua interesatua da, baina jende ugari irensten ari da. Sindikatua —hitza edo erakundea— zaharkitua bada, beste zerbait asmatu beharko da, soldatapeko herritarren interes profesional eta humanoak defendatzeko. Berdintasunean eta elkartasunean indartsu defendatzeko eta negoziatzeko, ez menpekotasunean eta zatituta amore emateko. Langile batzuek sindikatuak desagertzeko eskatzen dute, baina enpresariek tinko eusten diete euren elkarteei. Zergatik ote? Gerardo Diaz Ferran enpresari espainiarren buru ohia ustez iruzur egiteagatik auzipetu dute, baina sindikatuak desagertzea proposatzen duten herritarrek ez dute esan enpresarien elkarteak desegin behar direnik. Are gutxiago herritar horiek enpresariak badira. Nork defendatuko ditu haien interesak? Nork aholkatuko ditu legearen azken zirrikituak aprobetxatu eta txakur txikirik ere ez galtzeko, edo arauak ezkutuan saihesteko, horrek arazo handirik ekartzen ez badie? Onuragarria da sindikatuak kritikatzea eta erakunde sozial horiek autokritika zorrotza egitea; sindikatuak desagertzeko eskatzea eskuinaren mezua da, araurik gabeko merkatu basatienaren apologia, bake sozialaren kalterako. Ogirik gabe ez baitago bakerik. Bortizkeria latzena pobrezia baita. Gerra jokoak Italiako kostaldean maniobra militarrak egitera joateko agindua eman zuen Israelgo Itsas Armadako buru Ram Rothenbergek, apirilaren 1ean. Haifako hiru gerraontzitako soldaduak hamar eguneko ezusteko bidaia prestatzen hasi ziren estu eta larri, txantxetan zela jakin arte. Broma zen, apirilaren 1eko urteroko broma. Israelek gertaera ikertzeari ekin dio, eta txantxak ondorioak ekarriko dizkio Rothenbergi, Times of Israel egunkariaren arabera. Jaurlaritza ere ikertzen ari da, kasu honetan Iñigo Cabacasen heriotza. Orain arteko ondorio bakarra: 2013tik aurrera Ertzaintzako elite taldeek baino ez dituzte erabiliko gomazko pilotak. Dena den, ertzainek nahi adina gomazko pilota jaurtitzen segituko dute ordura arte. Horixe esan zien poliziaburuak, harro antzean, Bilboko gazteari gertatutakoa gaitzesteko lehengoan elkartu ziren herritarrei. Bromak eta bromak daude, eta, zenbaitetan, horien ondorioak ez dira txantxetakoak. Batzuek Italiara doazela diote, maniobra militarrak egitera. Beste batzuk «oreinak» —herritarrak— ehizatzera joaten dira. Zenbait ertzainek beren burua grabatzen dute sakelako telefonoetan furgonetatik irten baino lehen, balentria lagunei erakusteko gero —ez dut asmatu—. Jokaera horiek salatzea politizatzea omen da, baina. Horixe leporatu diote ezker abertzaleari «Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz» hildako gaztearen kasuan —hain zaila da «Ertzaintzak hildako gaztea» idaztea?—. Ez omen du familiaren dolumina errespetatu. Familiaren mina, arlo humano eta pribatua, errespetatu egin behar da. Ez da zuzena Cabacas gogoan senideek eta lagunek deitutako ekitaldietan lelo politikoak aireratzea. Hori bideratzeko bada beste modu eta momenturik. Hildakoaren gertukoak horren kontra badaude, biktimak politikarekin zer ikusirik ez zuelako, nahi hori errespetatu, heriotzak konnotazio politikoak izan arren —bestela, zergatik errepikatu Cabacas hil zuten lekutik hurbil herriko taberna bat dagoela? Ertzaintzaren oldarraldia justifikatzeko? Ez al da hori politika egitea?—. Kontua desberdina da ekitaldi jakin horietatik at. Gizakiak erantzukizun pertsonal eta soziala du. Ulergarriak eta errespetagarriak dira atsekabea eta dolumina. Hala ere, eremu pribatu horretatik kanpo ere injustizia ez salatzea, isiltzea, konplize bihurtzea da. Ertzaintzaren kudeaketak eta jokaerak guztioi eragiten digute, gizarte osoari, eta geroan ere ondorio latzak ekar ditzakete. Dolumina eta errespetua, bai; erantzukizun pertsonal eta soziala, ere bai. Erantzukizun horri muzin egiteko eskatzea «betikoei» jokoa ez egiteko beste «betikoei» jokoa egiteko eskatzea da. Dena politizatzen da. Adibideak edonon ditugu. Pernando Barrena politika egiten ari da edukiontzi batek pertsona baten bizitzak baino gehiago balio duela dioenean? Bai, noski. Cabacasen heriotzaren lekukoei jaramonik egin gabe lauzpabost egunean hainbat zalantza nahita hedatu dituztenek ere politika egin dute. Kritika sakonik egin gabe Ertzaintzarekin elkartasuna bultzatu dutenek ere politika egin dute. Ezezagunek kutxa automatikoak erre eta gero, egunkari batek «Bandalismo 'antikapitalista' Santutxun» titulatzen duenean, albistea politizatzen ari da. Hedabide berak «Abdulek apirilean pairatuko du etxetik botatzea» titulua jartzen dionean albiste bati, «Abdulek apirilean pairatuko du bankuen bandalismo 'kapitalista'» jarri beharrean, orduan despolitizatzen ari da. Edo politizatzen, despolitizatzea, azken batean, politizatzeko beste modu bat delako. «Zertarako nahi duzue euskal polizia? Euskal herritarrei tiro egiteko eta espainiar agintarien aurrean makurtzeko?». Hebrongo palestinarrak bazekien Ertzaintzaren jardueraren berri, 2002an. Orduan, Israelgo Armadak setiaturik zuen Jasser Arafat, Ramallahen, eta gerraontziak zeuden Haifako portuan. Orduan, Balza zen Herrizaingo sailburua, ez Ares. Eta ertzainak zeuden Bilboko kaleetan. Bibotedunak Aerofloten Lana bilatzeko garaian curriculum anonimoak eskatzeko kanpaina bultzatu dute Alemanian. Urtebeteko proba izango da, Diskriminazioaren aurkako Bulego Federaleko zuzendari Christine Lüdersek aditzera eman duenez. Bost enpresa pribatutan egingo da —haien artean Deutsche Telekom eta L'Oréal kosmetika etxea— eta zenbait erakunde publikotan. Egitasmoaren arabera, lanpostu jakin batzuetan jarduteko hautagaiak gaitasun profesionalen berri ematen duten datuak baino ez ditu argitu beharko: ez izenik, ez adinik, ez sexurik, ezta egoera zibil eta jatorririk ere —argazkirik ez da hartuko, noski—. Izan ere, datu horiek guztiek bidea eman dezakete aukeratzaileek aurreiritzi eta gustu pertsonalen arabera jokatzeko langilea hartzeko unean. Teorian ez litzateke hala izan beharko. Hala ere, badakigu praktika nolakoa den. Janek —Erdi eta Ipar Europan sarri erabilitako izena— eta Ahmedek —herrialde musulmanetakoa— konnotazio desberdinak izan ditzakete zenbait belarritan. Berdin gertatzen zaie Ingrid edo Nadima izenei. Adinak garrantzirik ote duen lana aurkitzeko, ba, galde diezaietela 55 urtez gorako langabeei. Sexuari buruz zalantzarik badago, ikusi zenbat emakume dagoen lan hierarkiaren goi aldean. Egoera zibila ere garrantzitsua da, gehienetan emakumeen kalterako. Alta, batzuetan gizonen kontra ere erabiltzen da. CDUko emakume kristau-demokratek Gerhard Schroeder kantziler alemaniarraren laugarren ezkontza erabili zuten gobernuburua kritikatzeko, kutsu ustez feministako iruzkina eginez: «Ez fidatu harekin. Hiru emakume ezin dira erraturik egon gizon berarekin». Eta jatorria... Jatorria ez omen da garrantzitsua, ezta lan diskriminazioaren aurkako lege zorrotzak dituzten herrialdeetan ere. Erresuma Batuan, adibidez. Baina izan, bada. Londresko jatetxe bateko arduradunak halaxe argudiatu zidan jatorri txinatarreko herritar britainiar bati gezurra esan eta gurekin sukaldean lan egiteko aukera ukatu eta gero: «Postua libre dago, baina ingelesa naiz eta badakit ingelesek nola pentsatzen duten arraza kontuetan. Zerbitzari bat edo bi beltzak jartzea ondo dago, baina denak beltzak izango balira, kaletik begira dagoen jende asko ez litzateke sartuko». Jatetxeak kristal handi bat zuen kanpo aldeko horma moduan. Kaletik dena ikusten zen. Berdintasuna nahi dugu. Beharrezkotzat jotzen dugu. Hala ere, geure senek traizionatu egiten gaituzte. Hara zer entzun nion behin eskubide sozialen aldeko borrokalari sutsua den lagun bati, Aeroflot aire konpainia sobietarraren diskriminazioaren aurkako politikaren harira: «Ondo dago berdintasuna, lana merituen arabera ematea, baina sobietarrak pasatu egiten ziren. Moskutik Habanarainoko hegaldi luzea azafata bibotedunez inguratuta pasatzea ere...». Irribarre maltzurra egin nuen. Bai, gizon jokatu nuen. Halaxe kontuak. Curriculum anonimoak bultzatzeko erabakia txalogarria da, hautagai bakoitza soilik gaitasun profesional hutsen bidez aukeratzeko. Horri NA zenbakia ez jartzea gehituz gero, askoz hobeto. Horrela zailagoa izango da pertsona hura nor, nolakoa eta noren senide edo laguna den jakitea. Ongi etorriak curriculum anonimoak. Baita politikan ere. Gure (politikari) profesionalak aurpegia ikusi gabe aukeratzeko, zenbat seme-alaba dituzten eta asteburuan zer egiten duten jakin gabe. Curriculum anonimo hutsekin ukitu humanoa galduko luke politikak, baina noiztik dira gaurko politikariak humanoak? Laster, teknokrata hutsak izango ditugu. Washington, Brusela, Paris edo Madrilek inposatutako politikak bideratzeko kudeatzaile ona baizik ez dugu beharko. Edo horien kontra egingo duen iraultzaile argia, nondik ikusten den. Berdin dio Brad Pitt edo Homer Simpsonen itxura duen. Aizu, eta horretaz ari garela: nork esan du Homer Simpsonek ez duela titulu akademikorik? Inork deitu al du Springfieldeko unibertsitatera? Puntaren puntan... Interrail benetako Interrail zen garaietan aljeriar bat ezagutu zenuen, Ipar Europako lurralde horietan. Youth hostel berean zeundeten. Laguntzeko eskatu zizun larrialdietara joateko, han inork ez omen zekielako frantsesez. Arazoa? Auskalo zertan ibiliko zen, baina azkura zeukan zereko zerean, puntaren puntan, eta txiza egitean mina, puntaren puntan txoria zegoen kantari. Marrazki primitibo bat egin zizun hori guztia azaltzeko. Ospitalean medikuak eta erizainak hartu zaituztete —biak emakumezkoak—. Ingelesezko pain hitza ezagutu ez, eta minaren sentsazioa antzezten hasi zara, erizainari imintzioak eginez, morroiaren picassoan ageri den puntaren punta seinalatzen. Ze panorama: bi morenitoak eta erizain ilehoria, han. B serieko film porno merke horietako bat ematen du eszenak. «Zertan ibiliko ziren hauek biok», pentsatuko du. Bai, zeren irudiak nahi adina interpretazio egiteko ematen du. Mutila artatu eta faktura luzatu diote, etxera bueltan ordaintzeko. Erietxetik irten eta barre egin du. Aljeriar hura ez zen etorkin magrebtar pobrea. Turista aberatsa zen, dotore jantzia, Houari Boumedienneren garaiko elitean ondo hazia, baina ez hezia —«Mendebaldeko gizonek benetako gizonak izateari utzi diozue, emakumeek errespetua galdu dizuetelako. Emakumea jo egin behar duzu batzuetan, ez harrotzeko» —. Ez zuen artatzea ordaindu. Osasun turismoa egin ote zuen? Ez. Ez zen Ipar Europara oporretan joan iruzur egiteko asmoz. Iruzurra gero egin zuen, gastuak ordaintzeari uko egin zionean. Osasun turismoari hesia jarriko diote aurrerantzean. Neurria ondo egongo da abusuei aurre egiteko, baina ez dute argi azaldu. Edo beste neurri batzuekin nahasi dute. Pack berean sartu dituzte jomuga diren lagunak: gurera ustez iruzur egin eta sendatzera datozenak eta gurean jadanik bizi direnak. Izan ere, osasun turisten abusuei aurre egitea gauza bat da, eta paperik gabeko etorkinei osasunerako eskubidea ukatzea beste bat. Tratamenduan ari diren etorkinei ateak itxiko dizkiete orain? Hemen bizi eta gaixo daudenek ez dute artatuak izateko eskubiderik izango? Gizatasuna kentzen ari zaie osasun zerbitzuei. Batzuetan arrazoi ekonomikoak argudiatuta, ekimen pribatuaren onerako. Beste batzuetan, itxuraz, herritarrei zerbitzu modernoenak eskaintzeko asmoz. Baina... imajinatu 70-80 urteko pertsona bat, gaixotasun kronikoa duena, osasun zentrora deitzen eta bat-batean... erantzungailu automatikoa. Azkenean, alabari deitu behar laguntza eske. Edo etxetik irten apirileko egun euritsu demonioan eta oinez joan osasun zentrora, hantxe eskatzeko txanda. Teknologia berriek zerbitzuen modernizazioa ekarri dute. Egun dena da telefonoaren edo Interneten bidez. Baina badago plus bat, horrek guztiak ematen ez duena: harreman eta laguntza humanoa. Zertarako balio du Kronikoen Sarea osatzeak —Osakidetzak gaixo kronikoak elkarrekin harremanetan jartzeko sortua, berez ideia ona dena— egunerokoan gaixo kronikoak direnak eta ez direnak zoratzen badituzte deitzen dutenean? Ongizate gizartea salbatu egin nahi dute. Baina zer ongizate gizarte eredu dugu eta zer nahi dugu? Kontzeptua argi ez badago, nekez jakingo dugu zer den beharrezkoa osasuntsu eta duintasunez bizi ahal izateko, eta zer den guraria. 80ko urteetako Espainia sozialistan ederra bota zuen Osasun Ministerioko buru batek: hortzak eta haginak ezin ziren osasun zerbitzu publikoetan artatu, bestela «mundu guztia» joango zelako haginlariarengana. Kontu bat da ahoa osasun arrazoiengatik artatzea. Hori osasun zerbitzu publikoek eskaini beharko lukete —ez daitezela kezkatu hortz kliniketako profesionalak; garai oparoetan eskaini ez bazuten, orain gutxiago—. Beste kontu bat, larunbat gauetarako kapritxoak: Megan Foxen edo Patrick Dempseyren irribarrea nahi duenak gehiago ligatzeko, bere poltsikotik ordain dezala. 'Laika' ametsetan Lasse Hallströmen Mitt Liv som Hund filmean (Nire txakur bizitza) Laika txakur emearekin konparatzen du bere burua ume protagonistak. Istorioa 1959ko Suedian dago girotuta. Bi urte lehenago, sobietarrek Laika jaurti zuten espaziora, gizakientzako lehen espazio bidaiak prestatzeko. Bidali eta zazpi ordura hil zen Laika. Ingemar, hamabi urteko mutikoa, triste bizi da. Ama hiltzeko zorian dago, eta anaia nagusia ez da bereziki gozoa. Kontsolatzeko, Laika txakurraz gogoratzen da. Bai, bada berea baino patu tristeagorik. Hamabi urte inguru izango ditu irratira aholku eske deitu duen neskatoak ere. Urtebetetze eguneko festa egingo du, eta gonbidatuen artean gustukoa duen mutiko bat dago. «Nola esango diot gustatzen zaidala?», galdetu dio esatariari, urduri. Bera ere galduta dago une honetan. Bere bizitzak txakur bizitza dirudi. Nolakoa da txakurren bizitza, ordea? Aspergarria, antza. Eta negozio iturria. The Huffington Post egunkariaren arabera, San Diegoko enpresa batek DogTV txakurrentzako telebista sortu du, egunero zortzi orduko emanaldia eskaintzen duen kable bidezko katea. Horrela, jabeak lanera doazenean, txakurrei telebista piztuta utzi, eta bakea. Haurrei igande goizetan egiten zaien bezala, gurasoen logelara ezustean ez agertzeko. Izaren arteko izerdialdiak ez eteteko, alegia. The Huffington Post-eko artikuluan argazki bat dago: txakur bat adi-adi, telebistari begira. Pantailan beste txakur bat ageri da. DogTVko emanaldiak lasaigarriak dira: ez Rin Tin Tin, ez Scooby-Doo, ez Tintinen Milou. Ekintzarik ez, ikuslea —txakurra— sobera ez aztoratzeko. Gilad Neumann enpresako buruak adierazi du programa «txakurren ikuspegitik» sortzen dutela. Horretarako, belauniko jartzen dira kameralariak, «hartualdi geldoak» egiteko. AEBetako 46 milioi etxetan dituzte txakurrak. Jadanik milioi bat lagunek erosi dute DogTVren zerbitzua. Mary Catania dugu horietako bat: «Errudun sentitzen naiz lanera joan eta txakurra bakarrik uzten dudanean. Ez dut seme-alabarik, eta umea balitz bezala tratatzen dut». Halaxe bizimodua: San Diegoko txakurra telebistaren aurrean lokartzen ari da, pantaila barruko txakur dotoreari so. Baina txakur dotore hori Santa Monicako etxean dago jadanik, telebistako beste txakur pinpirin bati begira. Gaur, estresatuta dago, lau orduko hartualdiak izan dituelako «kameralari txakur horiekin». Ez du ezagutzen telebistako txakurra. Zein da? Berari baino oilasko eta arroz gehiago emango diote jateko? Elite dog food markakoa, gainera? Intziri moduko soinu leuna egin du. Jabeak kexua ulertu eta pilula bat eraman dio, Bourbon batekin. San Diegoko txakurra lokartu egin da, eta amets egin du, amets Laika-rekin. Berak ere baduelako Laika-ren berri, telebistan agertu ez arren. Txakurrek, gizaki batzuek ez bezala, amets egiten dutelako oraindik. Guk txakur-ametsak deitzen diegu geure ameskeriei. Txakurrek gizaki-ametsak deitzen diete haien amesgaiztoei. Txakurrak gizaki bihurtzen ari gara. Ile-apaindegira eramaten ditugu. Jantzi egiten ditugu, antidepresiboak eman... Baina txakurrak deprimituta daude ala geuk deprimitzen ditugu pertsona bihurtu nahian? Txakurrak gizaki bihurtzen ari gara; eta gizakiak, txakur. Txarra da hori. Edo ona, nondik ikusten den. Txakurrekin esperimentuekin bukatu eta gero, sobietarrek Yuri Gagarin bidali zuten kanpo espaziora, 1961ean. «Oraindik ez dakit espaziora doan lehen gizona edo azken txakurra naizen», esan zuen. Gagarin espaziora bidali eta zazpi urtera hil zen, hegazkin militar bat pilotatzen. 34 urte zituen. Irratiko esatariak aholkua eman dio neskatoari. «Ba, festa amaitutakoan galdetu lagun horri gustatu zaion. Eta baietz erantzuten badizu, esan beste bat egingo duzula laster, eta etortzeko». Kazetariak kementsua izateko esan dio gaztetxoari. Elkar agurtu dute. Eta nerabearen barre herabeak zimur bat lisatu dio entzulearen bihotzari. Garitano gabarran Bukaresteko partida jokatu aurretik gabarra ateratzeko komenentziaz hitz egiten hasi ziren Bilbon. Egunik egokiena etzi omen zen. Halaxe izango zen, baldin eta Simeoneren hamaikakoa Bielsaren mutilei nagusitu ez balitzaie. Alabaina, batzuen ustez, gabarra noiz atera baino inportanteagoa zen gabarran nor atera. Partidaren bezperan mezu txotxoloak izan ziren sare sozialetan. Hauetako batek hauxe zioen: «Ezetz asmatu nor egongo den gabarran: Martin Garitano Bildu!». Ondoren, iruzkin kritikoak idatzi zituzten Gipuzkoako ahaldun nagusiari eta gabarrari buruz. Ez zen nahikoa Garitanori bigarren abizena aldatzea eta, Larrañagaren ordez, Bildu jartzea. Batzuek ez zuten gustukoa Garitano Bildu jauna gabarran joatea. Eta halaxe azaldu zuten. Iruzkinetan ez zegoen argi zeintzuk ziren Garitano gabarran azaltzea kritikatzeko arrazoiak: haren ildo politikoa, kargua edo hura, ustez, Athleticen zalea izatea. Martin Garitano gabarran egotea kritikatzeko arrazoi nagusia ezker abertzalearen ordezkari politikoa izatea bada, zer egingo diogu. Herri honen aniztasun politikoa behin eta berriro goraipatzen dutenek hori onartu beste erremediorik ez dute. Patxi Lopezek edo Antonio Basagoitik Athleticen garaipenak ospatzea ulertzen dutenek berdin egin beharko lukete Martin Garitanoren kasuan. Hura ere politikaria eta botere publikoaren ordezkaria delako: Gipuzkoako agintari nagusia. Hortxe egon liteke arazoa, baina. Baliteke batzuentzat horixe izatea mingarriena: Gipuzkoako ahaldun nagusia zuri-gorrien aldekoa izatea, berdin dio zer talde politikotako kidea den. Gipuzkoar bat, Gipuzkoako agintari gorena eta... Bilbaoren aldekoa. Barkaezina, nonbait. Alde batetik pozgarria izango litzateke horixe izatea arrazoi bakarra —baikorra izan nahi nuke—; baina, beste alde batetik, tristea ere bai. Batez ere, euren burua abertzaletzat jotzen dutenek pentsatzen badute horrela. Espainiar unionista-konstituzionalisten eta frantses jakobino-erregionalisten portaeretan ulergarria izango litzateke. Kexua beste aldetik etortzea, ordea... Izan ere, asteazkenean donostiar abertzale eta realzale amorratu bati galdetu nion ea noren alde egongo zen partidan. «Gaur, inpartzial», esan zidan. Inpartziala? Athletic eta Atletico Madrilen arteko partida batean inpartziala? Bartzelonaren aurka, tira, ulertu egingo nuke, Gipuzkoa erdia culé delako. Baina madrildarren aurka? Ez gabiltza oso ondo abertzale batek nahiago badu Madrilgo Neptuno Plaza piper-potoz josita ikusi, Bilboko Plaza Barria ikurrinez baino. Felipe Borboikoa ustezko koltxonero sutsuarekin batera ospatu besterik ez zuen behar asteazkeneko garaipena. Hobe geundeke apur bat hausnartuko bagenu. Alde guztietatik. Bai, zeren txanponak bi alde ditu beti: zer pentsatuko lukete bizkaitar athleticzale askok inoiz Bizkaiko ahaldun nagusia realzalea balitz eta Donostiara joango balitz txuri-urdinen garaipena ospatzera? Hori ezinezkoa dela erantzungo du batek baino gehiagok. Nik gutxienez hiru bizkaitar ezagutzen ditut realzaleak direnak. Bai, ez dira asko, badakit, baina Bizkaian bozkatzeko eta aukeratuak izateko eskubidea kenduko diegu, badaezpada ere? Munduko hainbat lekutan hautagaiek zer erlijio duten argitu behar dute bozetako kanpainan. Inor gutxi ausartzen da bere burua ateotzat jotzera, badaezpada ere. Gorrienak ere «kezka espiritualak» aitortzen ditu, basapiztia moduan ez agertzeko. Gauzak ikusita, komeniko litzateke gurean, datozen bozetan, hautagaiek esatea zer futbol talderen aldekoak diren, badaezpada ere. Hemen lasaiago onartzen baitugu lehendakaria, ahaldun nagusia edo alkatea prozesioan azaltzea, kargu ofizialaren domina paparrean, horietako batek gurea ez den futbol talde baten garaipena ospatzea baino. Hemengo eliza-erretzaile, ateo, agnostiko, fededun, elizkoi eta jainkojale guztiok erlijio bakarra dugulako: futbola. Paísss... Epilogoa Kaixo, Aritz: Denbora luzea ezer ere esan gabe, eta hemen naukazu, igande goiz-eguerdi honetan idazten. Gaur lehen zutabeak berrirakurtzen hasi naiz. Egia esan, lana ez da hain latza. Irakurri, eta zerbait txarto badago zuzendu, hitz edo ideia berririk sartu gabe. Dagoena dago; ez dagoena balego... Ondo dago denboraren perspektibarekin errepasatzea, norberaren garapena modu kritikoan ikusteko. Izan ere, garai bateko zutabeak eta oraingoak konparatu, eta orain arlo politikora emanago nagoela nabaritu dut, alde horretara lehen baino sarriago jotzen dudala. Lehen ere halaxe egiten nuen, baina modu arinago batez-edo. Egia esan, horrek nolabaiteko kezka sorrarazten dit batzuetan, kontraesana: batetik, gauza arruntei buruz idatzi nahi nuke, hainbeste bueltarik eman gabe; bestetik, Euskal Herrian bizi gara, ez gaude herri edo gizarte normal(du) batean. Ezaugarri bereziak ditugu hemen, estatu independente batzuetan ez daudenak. Han eta hemen emakumeen borroka berdintasunaren alde, neoliberalismoaren ondorioak eta abar daude; gizarte homogeneo eta whatsappizatuan bizi gara, gero eta isolatuagoak geure "lehen munduan". Eta hirugarren mundu horretako herritar asko gureari segitzeko irrikan ditugu. Panorama ederra. Baina hemen, horretaz gain, beste kontu batzuk ditugu: euskararen egoera, Madrilen eta Parisen politika, gure eskubide nazionalen kontrako zapalkuntza. Bai, betiko rolloa, betiko kaka, esango dute batzuek, baina baztertu ezinezkoak, euskalduna naizen aldetik. Eta batzuetan neure buruari galdetzen diot: "Joder, orain berriro ere euskarari buruz edo PPSOEri buruz idatziko dut?". Nekagarria izaten da batzuetan, baina ezin isildu. Ez dut nahi, gainera. Danimarkarra banintz, gustura asko idatziko nuke gauza arinago batzuei buruz, edo ez hain "traszendentalei" buruz: Akvavit botilen diseinua, Suedia-Danimarka ferryetako bidaiariek harrapatzen dituzten mozkorrak, Tivoli jolas-parkearen gainbehera edo sirenatxoaren begirada galdua eta jarrera otzana. Baina nolaz idatziko dut Guggenheimeko txakurraren koloreei buruzko zutabe bat, munduko beste museoetako figurekin konparatzeko? Euskarazko egunkari bakarrean zutabe bat, orri erdi oso-osoa astean behin idazteko pribilegioa izan, eta horretan "gastatu", alferrik erabili? Herri normalizatu batean bizi banintz bezala idatzi, besterik gabe, herri ez normal(du) batean nagoela ahaztuta? Tentazioa hor dago, baina barrenak, azkenean, bestelakorik agintzen dit. Horixe nire kezka, nire barne borroka. Tira, besterik ez. Abarketa ederra sartu dizut igande hotz honetan. Hustu egin naiz, beharra neukan. Ondo izan eta laster arte. Jose Mari
Iturri eta erreketako uretan bizi diren azken laminei, historiaren oihartzunetan galdurik, oraindik fusila tinko heltzen duten euskal soldadu karlistei, kontrabandoari esker euren sendiak aitzina atera zituzten gizon gartsuei, lubakietan euskal lurra defendatzen, beren odola isuri zuten gudariei; zuei esker, mapetatik desagerrarazi nahi duten Euskal Herria izan bada-eta. AURKIBIDEA EDU ZABALAREN HITZAURREA EGILEAREN HITZAURREA IRULEA ETA KATU BELTZA FRAIDE-ZALDUNAREN GUTUNA JOHAINE LARRAINEKO ETA IRELTSOA SOROHANDIETAN BEHIN ZIBURUKO BALEZALEAREN IBILERAK PELLOT KAPITAINA ETA DIAMANTEAREN MADARIKAZIOA BOLUNTARIO KARLISTAK SAGARDOTEGIAN PILOTARI MALTZURRAK IRUÑEKO APAIZGAITEGIKO HILKETAK MENTABERRI KAPITAINA ETA NAZIAK KONTRABANDISTA ETA KARABINEROA DEABRUA TEILATU GAINEAN ARGIAREN IKUSKATZAILEA JOXE BAZTANDARRA MADRILERAKO TRENEAN APAIZ PILOTARIEN MARTINGALA ATSO HERRENAK DABILTZ AITATXI SATURREN AZKENA (EDOTA ABSURDUAREN INDARRA) LURPEKO APARKALEKUA OTSATEKO MISTERIOAREN ZIRIMOLAN SAN FERMIN EGUNEKO METEORITOA EDU ZABALAREN HITZAURREA Josebak berak dioen bezala, liburu honetan ibilaldi literarioa egiten du gertakizun, kontakizun, ipuinen munduan barrena, bai denboran bai kokapenean. Horren aitzakiaz bere figura zertxobait gehiago ezagutzeko probestuko dut. Herri literaturari oso lotuta dagoen idazle aberatsa eta ugaria dugu Joseba donostiarra, Euskal Herri osoaren mitoen jarraitzaile eta aditua, besteak beste. “Herritik jaso herriari itzultzeko” filosofian barneratua, literatura du bere komunikazio tresna indartsuena, baina ez bakarra; horren harira esan behar da bere parte hartzea nabarmena dela bestelako euskal komunikabideetan, bai interneteko hainbat ataritan (Kazeta.info, Elinberri, ZUZEU…) eta baita herri antzerkietan ere, adibidez egun bizi den Urruñako kabalkadan; horietaz gain, ibilbide oparoa du Iparraldeko kronista gisa eta antzerki bildumetan. Bukatzeko, berriro itzuliko naiz ‘Sorgin mainguak dabiltz’ liburuaren itzalera, eta ‘Sorohandietan behin’ ipuina parafraseatuz zera proposatzen dizuet: ez diezaiogun utzi zorioneko globalizazioaren eta erdaren suge lodiari gure kultura, hizkuntza eta sena zurrupatzen, bestela galduak gara. Joanes bezala, Joseba bezala, adi manten gaitezen gure unibertso txiki eta aberats hau jorratzen, luma esku batean eta jakintzaren aizkora zorrotza bestean. Josebaren liburuaren laguntzarekin, izan gaitezen sorgin eta azti sasi guztien gainetik... EGILEAREN HITZAURREA Adio irakurle, berriro hemen naukazu ipuin kontalari. Bizitza honetan beti izan dira ipuin bihur daitezkeen pasadizoak, eta beti esaten dudanean esan nahi dut: herenegun, atzo gaur, bihar, etzi eta etzidamu; betiro baita zer kontatu. Eta horrela izan da, da eta izanen da herri eta kultura guztietan, mundu zabalean, alegia. Haatik, liburu honetan topatuko dituzun ipuinak Euskal Herrian kokatuak dira, horixe baita nik hobekien ezagutzen dudan esparru naturala, eta horixe baita nire bihotzaren barruan dautzan herri eta kultura. Denboraren aldetik, berriz, tarte zabala aukeratu dut ipuinen garapenerako. Badira Erdi Aroan kokaturiko ipuinak, 1936ko gerra madarikatuan jorratutakoak, II. Mundu Gerlaren garaikoak, gerra ostekoak, gaur egungoak… eta baita biharko egunean koka ahal izanen genukeena. Gaien eta pertsonaien aldetik, badut zer esan, gehien-gehienak gure historiaren pasarteetan, gure mito zahar eta modernoetan, gure mitologiaren mundu magikoan edota gure herri xehearen bizimodu eta ametsetan garatu baititut. Gehienak nire sormenetik jaioak badira ere, badituzu irakurle, hemen, hor eta han entzundako kontakizunetatik eta pasadizoetatik egin ditudan moldapenak ere. Eta orain, ahantz itzazu denbora batez eguneroko arazoak eta kalapitak, eta barnera zaitez horren gurea den baserritarren, fraide-zaldunen, apaizen, ireltsoen, soldadu karlisten, pilotarien, arrantzaleen, kontrabandisten eta sorginen munduan. Euskal Herriko edozein bazterretan, gaur atzo bezala, ATSO HERRENAK DABILTZ(a) kantari! IRULEA ETA KATU BELTZA Urruñako Iguzkiagerre baserrian senar-emazte zaharrak bizi ziren. Zortzi seme-alaben gurasoak ziren, baina gauza batzuengatik eta besteengatik, den-denak etxetik kanpo eta urrun bizi ziren. Baserritarrak izaki, lan handia egiten zuten euren bizia aurrera ateratzeko.Egunez baratzeko eta aziendako lanak, gauez etxeko lanak. Emaztea oso berandu arte gelditzen zen iruten, garai hartan baserri gehienetan egiten zen bezalaxe. Horretan aritzen zela katu beltz bat sartzen zitzaien etxera eta sukaldean zeukaten guztia jan egiten zien. Alferrik aritzen zen Margari etxekoandrea izutu eta bidali nahian, katua ez baitzen izutzen eta gainera petral jarriz gero aurre egiten zion. Horietako gau baten hurrengo egunean Margarik horrela esan zion senarrari: - Bai Joanes, gaur ere katu beltza etorri zaigu ni iruten ari nintzela, eta harrapatu duen guztia jan digu. - Baina Margari, ez al diozu zapi egiten? - Bai horixe, baina ez da bat ere izutzen, eta gehiegi hurbiltzen natzaionean, basapiztia baino okerrago jartzen zait. Horrelakoetan beldurgarria da oso. Azkenean Joanesek gertatzen zitzaienaz aspertuta burutazio bat eduki zuen arazo harekin bukatzeko. Emaztearen arropaz jantzi zen eta ilunabarrean iruten gelditu zen etxeko sukaldean, bere andreak gauero egiteko ohitura zuen bezala. Handik zenbait ordutara katu beltza agertu zitzaion mauka. - Mauuuu! Mauuu! Joanesek ez zuen tutik ere esan eta iruten jarraitu zuen. Katua hurbildu egin zitzaion eta arropatik ateratzen zitzaizkion esku zarpailak ikustean horrela esan zion: - Gizon bat iruten? Eta Joanesek erantzun: - Katu bat hitz egiten? Eta hori esanda, arropen artean zeukan aizkora atera eta zartako batez burua moztu zion katuari. Katu beltza zerraldo erori zen lurrera odol putzu batean. Momentu horretan zelatan zegoen emaztea bere ezkutalekutik irten zen kontent eta zoriontsu. - Akabo katu lapurra! – esan zion senarrari pozaren pozez. - Hala bedi! – ihardetsi zion senarrak, katuaren gorpua behatuz. Baina momentu hartan, eta senar-emazteen begi harrituen aurrean, katu beltzaren hilotza aldatzen hasi zen, eta zenbait minuturen ondoren gizon baten itxura hartu zuen. Margari gorpua zegoen tokira hurbildu eta atsekabe handiz horrela esan zion senarrari: - Eneee Joanes! Patziku da, ondoko baserriko mutilzahar gaiztoa! Aspalditik zeuzkaten susmo txarrak Patzikutaz, lan handirik egin gabe beti sabela aski ase ikusten baitzuten, baina horrenbesteko kontua ez zuten inolaz ere espero. Ez dezagun ahantzi askotan errealitatea susmo txar guztiak baino askoz gordinagoa dela. FRAIDE-ZALDUNAREN GUTUNA Jaun Salbatore Izpurakoa nauzue, Rodasko zaldun nafarra, hau da, Jerusalemeko San Joan Ospitaleko Ordenako fraide gerlaria. Biziki gaztea nintzelarik Lapurdiko kostaldera hurbildu nintzen lan bila eta Baionako portuan ainguraturik zegoen merkatari itsasontzi batean engaiatu nintzen marinel gisa. Patuak eta gure Jesukristo handiaren nahiak Txipre uhartera eraman zuten gure ontzia eta han Jaungoikoa eta lagun-hurkoa zerbitzatzeko pronto zegoen Ospitaleko Ordenako fraide gerlariak ezagutu nituen. Soingaineko beltzean gurutze zuria zeramaten eta gerrikoan ezpata dotore galanta. Gurutzea eta ezpata, bai, biak uztartzen zituzten monje haiek. Ikuste hutsak erabat liluratu ninduen, ontzitik alde egin eta zaldun beltz haiekin batera abiatu nintzen. Sekula ez naiz damutu erabaki hura hartu izanaz. Preso naukaten ziega honetan, gosez, egarriz eta hotzez akabatzen ari nauten arren, harro daramat nire bihotzean Ospitaleko fraideen gurutze zuria eta hor izanen da nire azken hatsa eman arte. Nire bizitza osoa eman dut Ordenaren alde eta Heriok eramaten nauelarik ere, Ospitaleko fraide izanen naiz. Txipren zenbait urte egin nituen fraide baten ezkutari gisa eta hemeretzi urterekin Rodas uhartera eraman ninduten. Irla hartan zegoen Ordenaren agintaritza nagusia, eta bizpahiru urte bertan eman ondoren, Rodasko zaldun egin ninduten, hau da Ospitaleko Ordenako fraide-zalduna. Orduz geroztik gurutze zuridun soingaineko beltzaz jantzi izan naiz eta gerrikoan fraide gerlarien ezpata eraman izan dut. Nafarra nintzenez, Izpura herrikoa, Priore Handiak Ordenak Donibane Garazin zeukan San Joan Zaharreko kapera zaintzera bidali ninduen. Nirekin batera, beste bi zaldun euskaldun igorri zituzten: Joanes Barberena Donapaleukoa eta Piarres Urtsain Iruñekoa. San Joan Zaharreko kapera Garazi eskualdeko Donibane hirian zegoen, gaztelupean, karrika nagusitik oso gertu. Ez zen sobera handia, baina bai zinez ederra. Berari itsatsita, zaldunon etxea zegoen, hau da, urte luzetan gure bizileku goxoa izan zena. Bi solairuko eraikina zen eta bertan bizi ginen lehen aipaturiko hiru zaldunok eta gure ezkutariak. Nireak Martiniko izena zuen, Joanes Baberena zaldunarenak Beñat eta Piarres Urtsainenak Firmin. Hiru serorek laguntzen ziguten: Inexa Etxebarne, Kattalina Bazterretxea eta Maddalena Medranok. Hiruak nafarrak eta giristino onak ziren. Garaztarrek debozio handia zioten San Joan Zaharrari eta egunero hurbiltzen zitzaizkigun kaperan egiten genituen elizkizunetara. Urrutiagotik ere etortzen zitzaizkigun, hau da, Euskal Herriko bazter guztietatik eta baita atzerriko herri aunitzetatik ere. Erremusina ugari uzten zigutenez gero, gure bizimodua aski erosoa zen, eta urtero txanpon franko bidaltzen genuen Rodasko altxorra gizentzera. Herriak estimatzen gintuen eta guk herria zerbitzatzen genuen gurutzeaz eta ezpataz. Gure Jesukristoren 1512. urtean Gaztelako eta Aragoiko gudarosteak, inolako gerra deklaraziorik gabe, gure erresuman barna sartu ziren. Esku artean Aita Saindu berberak sinatutako bulda zeramaten, non Joan III. Albretekoa eta Katalina gure errege-erregina legitimoen alde borrokatzen zuen lagun oro preseski eskomikatzen zuen. Gure errege-erreginak higanotak (4) ziren, bai, baina ederki errespetatzen zituzten dotrina guztiak, inbaditzaile gaztelarrek egin ez zutena. San Joan Zaharreko kapera zaintzen genuen hiru zaldunok ez genuen nehoiz zalantza izpirik ukan, eta inbasioaren hastapenetatik leialtasuna erakutsi genien bai gure herriari eta bai erresumako benetako monarkei. Joan Albretekoak eta Katalinak Iruñetik alde egin behar izan zuten eta euren menpekoa zen Biarnon babesa bilatu. Gaztelarrak Donibane Garazira hurbiltzean, herritar gehienek inguruetako mendietara jo zuten babesa bila. Gazteluan goarnizioa gotortu zen. Gu, borrokatzeko prest zeuden beste zenbait herritarrekin batera, kapera zaintzen geratu ginen. Inbaditzaileak suz eta odolez sartu ziren hiriaren kaleetan barrena, eta gurera iristean, Espainietako errege-erreginen izenean, errenditzeko agindua luzatu ziguten. Guk, nafarrak eta Ospitaleko Ordenako fraide-zaldunak ginela, eta bakar-bakarrik Nafarroako errege-erreginen eta Rodasko Priore Nagusiaren aginduak onartzen genituela jakinarazi genien. Etsaiaren erantzuna kapera hesitzea eta erasotzea izan zen. Bi egunez eta bi gauez defentsari eutsi genion, baina azken erasoaldia hurbil genuela sumatzean, gutun bat idazteari ekin genion. Bertan erresuman gertatzen ari ziren bidegabekeria guztien berri eman nahi genion Aita Sainduari. Baina horren eskuetara iritsi zedin, guretako batek Erromaraino eramatea onena izanen zelakoan eramailea nor izango zen zotzetan erabaki genuen. Patuak ni aukeratu ninduen. Setioaren hirugarren egunean, goiz-goizean, eraso egin ziguten. Suzko gezien bidez teilatuak erre zizkiguten. Keak arnasa hartzea eragozten zigun eta begiak erretzen. Ariete batez ate nagusiaren kontra jotzen hasi ziren. Atea birrindu ondoren kaperara sartu eta aurrez aurreko borrokaldiari ekin zioten. Han ikusi nituen banan-banan erortzen Joanes Barberena eta Piarres Urtsain zaldun bulartsuak, Martiniko, Beñat eta Firmin ezkutari gazteak eta bertze hainbat lagun adoretsu. Nik gibelaldeko leiho batetik alde egin nuen eta oinez Izpura herriko nire etxeraino joan nintzen. Bertan ezkutaturik hilabete pare bat egin ondoren, etxekoek emandako zaldian, lauhazka bizian, abiatu nintzen. Nire zakotean erresuman eta gure kaperan gertatutakoaren berri ematen zuen gutuna neraman. Frantziako erresuma zaldiz zeharkatu ondoren, Mediterraneoko itsasaldera iritsi nintzen eta hango zaldun-anaia batzuen laguntzaz, Erromarantz zihoan ontzian itsasoratu nintzen. Itsasoz egindako bidaia gogorra eta luzea suertatu zitzaidan, baina azkenean, Erromara, Kristautasunaren hiri sakratura, iritsi nintzen. Zakotean gutuna neraman eta bihotzean justizia egiteko esperantza. Aita Sainduak gutun hura irakurrita, bere aliatu ziren espainiarrek gure erresuman eta kaperan egindako triskantza, hilketa eta bidegabekeriak jakinen zituen, jakinen eta zigorturen gainera; nafar higanotek nehoiz egin ez zutena, gaztelar katoliko haiek, Jainkoaren eta Aita Sainduaren izena lohituz, egin baitzuten. Jaungoikoaren mugagabeko justizia eta zuzentasuna iristear zeudelakoan, Aita Sainduaren hitzordua eskatu nuen. Oraindino daukat gogoan berarekin elesta egin nuen egun hura. Zaindariek jauregiko ganbera handira gidatu ninduten eta Jesukristok lurrean daukan ordezkari handienari zor zaion begiruneaz, aitzinean belaunikatu nintzaion. Berak lehor horrela esan zidan: - Zer dakarkidazu zaldun? - Nafarroako erresuman sartu diren gaztelar bihozgabeek egindako triskantzen berri ematen duen gutuna. Basati odolzale horiek bortxatu, ebatsi eta hil egin baitute inolako gupidarik gabe; nafar herritarrak sarraskitu dituzte eta elizak eta beste leku sakratuak profanatu eta erre. Horrelaxe egin zuten Ospitaleko Ordenak Donibane Garazin zeukan San Joan Zaharreko kaperarekin eta bertan erail zituzten bere zaldunak. Ni nauzu bizirik iraun duen bakarra. Gure kaperaren defentsan ez banuen bizitza eman izan zen berrorri gertatutako guztiaren berri ematen dion gutun hau beraren eskuetara helarazteko hautatua izan nintzelakoz. Har beza berorrek! – eta eskua luzatu nion gutuna har zezan. Une haietan bihotza justizia ametsez gainezka neukan. Aita Sainduak gutuna eskutik hartu zidan, eta bere kadiratik altxatuz, honela erantzun zidan. - Zinez, sentitzen dut kontatzen didazun guztia. Gure Jesukristo urrikalgarriari eskatzen diot jende horiei egindako bidegabekeriak barka ditzan. Baina jakin jakinen duzu Gaztela eta Aragoiko errege-erreginak kristau onak direla eta Nafarroakoak, berriz, higanot miserableak. Horixe da gerra horren arrazoia eta albretarrak dira kontatzen duzun guztiaren errudun bakarrak. Eta gehiago esan gabe, ganbera berotzen zuen tximiniara hurbildu eta bertara, zabaldu gabe, urtuki zuen nik eramandako gutuna. Suak gutuna eta bihotzean neuzkan justizia-itxaropenak erre zituen. - Baina, baina… zer egiten du berorrek? – esan nion oihuka amorruz beterik--- Jakin beza Nafarroako errege-erregina higanotek beti errespetatu dituztela katolikoen elizak. Nehoiz ez dugu inolako arazorik ukan beraren aliatuak diren gaztelar odoltsu horiek gure erresuman sartu arte. Madarikatua berorri eta beraren aliatu kriminal guztiak! Aita Sainduak ez zuen bere hoztasuna galdu eta eman zidan arrapostua laburra bezain krudela izan zen: - Eraman ezazue mendebaldeko dorreko ziega batera eta atxilo ezazue bertan urik eta jatekorik gabe, bere azken hatsa eman arte! Deabru txarrek eraman dezaten infernuetara higanoten laguna den fraide-zaldun ustel honen arima eternitatean kiskal dadin! Orduz geroztik, hemen naukazue ziega ilun eta zikin honetan. Dagoenekoz ez dut inongo esperantzarik. Ordenako Priore Nagusiak ez daki hemen preso naukatenik, eta ezin izango nau zakur odolzale hauen eskuetatik libratu. Eta jakinen balu ere, ezingo ninduke libratu. Nire begiek dagoenekoz ez dute egunaren eta gauaren artean bereizten. Nire belarriek ez dute entzuten. Bitxia iduri baduzue ere, ez dut gosearen harrik sumatzen. Haatik, egarri naiz, eta eztarri idorra sutan daukat. Bihotza ere aski idorra daukat, ez baitut gizakiaren justiziaz sinisten. Urteak igaroko dira, mendeak agian, baina ziur naiz, azkenean, Jainkoak emango diola Euskal Herriari, gure nafar erresumari, inbaditzaile odolzaleek ostu dioten askatasuna; horixe zor baitio zeruetako Jaungoikoak gure herri gizagaixoari. Profanatzaileek odoleztatutako herriak libertatea ezagutuko du berriro. Horixe da bihotzean zimiko egiten didana. Ene buruaz, berriz, ez naiz oroitzen. Berantegi da! Berantegi eta alferrik! Jesukristo handiak eraman dezan berekin bere zaldun zerbitzari hau, besterik ez diot galdatzen. Jesukristo handiak eraman dezan berekin bere …. Askatasun eguzkia basotik irten da bere argia edonon ari zabaltzen da. JOHAINE LARRAINEKO ETA IRELTSOA Zuberoan gau guztiak ederrak badira ere, gau hura ederragoa zen, ezin ederragoa. Zohardi ederrak deiturik, Johaine Larraineko bere etxaldetik ilki zen. Barruan emaztea eta hiru seme-alabak zeuden, lauak lo. Argizagia zeru goian zen, bete-betea, zuri-zuria, gaueko erregina zirudien. Ezker-eskuin, zeruko bazter guztiak betez, era eta neurri guztietako izar distiratsuak. Tarteka, izar ibiltari batek zerua, aldez alde, zeharkatzen zuen. Urruntasunean, zeruertza hornituz, Zuberoako, Biarnoko eta Nafarroako borthüak: Arlas, Ahüñemendi, Orhi, Betzüla, Erromendi, Organbidexka, Hirur Erregeen Mahaia, Txamantxoia, Lakora, Otsogorrigaina, Ahüzki… Ederragorik! Johaine artzaina zen eta eguneko lanak akiturik zeukan. Alabaina, oheratu aitzinetik, eta gaueroko ohiturari jarraiki, kanpo aldera atera zen Zuberoako zohardi ederraz gozatzera. Horretan ari zela, kurrinka batek bere arreta bereganatu zuen. Kurrin-kurrin! Soinua hurbiletik zetorkion. Kurrinka entzun zuen tokirantz begiratu eta bertan, argitasun berezi batez inguratutako zerrikumea ikusi zuen. Ene, bere zerrietako bat ote?Baina argitasun hura…! Bitxia zen oso. Zerrikumeak kurrinka jarraitzen zuela ohartzean, Johaine berarengana abiatu zen harrapatu nahian. - Haugi honat zerrikume, haugi honat! – esan zion, berehala harrapatuko zuelakoan. Baina Johaineren deia entzutean, zerrikumeak burua biratu eta sasi artera sartu zen. Johaine ere, sasietara sartu zen eta handik zenbait metrotara zerrikumea ikusi zuen, beti argitasun berezi hartaz inguraturik. - Hago hor geldirik, alua! Hago geldirik! – esan zion. Baina alferrik, Johaineren eskura zegoela ematen zuen momentu berean, jauzi batez, gaueko iluntasunean barneratu baitzen. Inguruan zeraman argitasunak nondik nora zihoan salatzen zuen. Johainek ordurako bazituen bere neke guztiak ahantzita, eta bere gogoan zerrikume burlati hura harrapatzeko nahia arrunt sustraiturik. - Harrapatuko haut zerrikume madarikatua, nahiz eta horretan gau osoa eman behar badut ere! Esan eta egin. Johaine zerrikumearen atzetik zebilen, sasiak zanpatuz, errekak zeharkatuz, pettarrak igoz… beti argitasunak salaturiko zerrikumearen urratsei jarraiki. Denbora luze zeraman zerrikumearen gibeletik. Aunitzetan eskura zeukala iruditu arren, azken momentuan, eta ustekabean, zerrikumeak beti alde egiten zion. Johaine amorratua zegoen, amorratua baino gehiago zerrikume iheskorraren harrapatze saio hartan arras egoskortua. - Hago geldirik amini bat, eta harrapatuko haut! – esaten zion, behin eta berriz. Baina eskuratzeko maneran zegoela iruditzen zitzaiolarik, zerrikumeak, modu batez edo besteaz, hanka egiten zion. Denbora luze zeraman zerrikumearen gibeletik. Pettarrak gero eta zorrotzagoak ziren eta mendiak gero eta garaiagoak. Hala eta guztiz ere, Johaine itsu-mitsuka zihoan argitasun bitxiaz inguratutako zerrikumearen atzetik. Tarteka, etsitzeko gogoeta pizten zitzaionean, zerrikumea kurrinka haste zitzaion, kurrin-kurrin! eta artzainarengana hurbiltzen zen. Halakoetan, Johainek, tentaturik, eskua luzatu eta… zapa!! !, zerrikumea, jauzi batez, urrundu egiten zitzaion, berriro ere. Bat-batean, zerrikumea nonbait gorde zen. Argitasuna desagertua zen. Johaine iluntasunean barneratu zen. Argizagiak eta izarrek emandako argiak zeru gaina argitzen zuen, baina lurreko apalean, baso eta harkaitzen artean, Johainek ez zuen gauza handirik ikusten. Bidea galdua zuen aspaldi eta ez zekien garbi non zegoen. Etxe aldera itzultzeko bideaz pentsatzen ari zela, zerrikumearen kurrinka entzun zuen berriz. Kurrin-kurrin! Ikusi ez zuen ikusten, baina entzun, bai. Berarengandik bi metrora zegoela iruditu zitzaion. Hura zen bere aukera – pentsatu zuen--- lasterka zenbait pauso egin, besoa luzatu eta zerrikumea eskura edukiko zuen. Benetako aukera iruditu zitzaion. Pentsatu eta egin. Lasterketari eginez, aurrera jo zuen, eta besoa luzatzeko pentsamenduetan zegoela, amildegi sakon batera erori zen. Amiltzen ari zela, barre ozena entzun zuen. Kar, kar, kar, kar, kar, kar!!! Gora begiratu, eta argitasunez inguratutako zerrikumea ikusi zuen. Barreari emana zen. Kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar!!! Orduan ulertu zuen dena. Zerrikumea ez zen zerrikumea, aitañi-amañien (9) ipuinetan, hainbestetan entzundako ireltso jolasti eta gaizkin horietakoa baizik. Gizon-emakumeak engainatzea, baso eta mendietan galtzea eta Zuberoako arroiletan amiltzea maite omen zuten ireltso gaizto horietako bat. Ireltsoaren argitasunaz hango parajea ezagutu zuen. Kakuetako arroilan amiltzen ari zen!!! Bitartean, oihartzunak ireltsoaren barre ozenak belarrietara zekarzkion. Kar,kar,kar, kar, kar, kar, kar!!! Johainek garbi zekien salbaziorik ez zuela. Handik zenbait minutura, kolpe lehor bat entzun zen Kakuetako arroilan. Johainek bere azken hatsa emana zuen. Ireltsoaren barre ankerrek gauaren isiltasuna bete zuten. Kar, kar, kar, kar, kar, kar!!! Kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar!!! Kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar, kar!!!!!! ! SOROHANDIETAN BEHIN 1925eko maiatzaren hogeita hirua zen eta Sorohandieta baserrian festa handia, bertako seme premua, Joanes, Muinobizkarreko alaba zen Maiñexekin ezkontzen zelako. Goiz-goizean, herriko elizan ezkondu zituen On Fermin erretoreak, eta orain bi familietakoak bazkaltzen ari ziren, denak bilduta, Soroetan. Bi familiak aski umilak izan arren, bazkari hartan denetarik zegoen: babarrun gorriak, txuleta ederrak, gazta eta intxaurrak; eta edateko ardo gorri nafarra. Josetxo, Joanesen anaia ttikia, eskusoinua jotzen hasi zen, eta kantuak hasieran, eta dantzak gero, trumilka etorri ziren. Zalantzarik gabe egun handia zen hura Sorohandietan, bertako premua baserrira ezkontzen baitzen. Ilunabarrerako emazte berriaren senitartekoak euren baserrira abiatu ziren eta Sorohandieta ohikoa zuen bakean murgildurik gelditu zen. Urtebete beranduago, Joanes eta Maiñexen lehen umea jaio zen, Bixente ttikia. Sorohandietan denak poz-pozik zeuden premu jaio berriaren etorreraz. Dena den, laster ustekabe batek familia osoa kezkatu zuen. Maiñexek bular ederrak zeuzkan, eta egunean zehar nahiko esnea izaten bazuen ere, goizetan idor-idorra egoten zen. Bitxia zen oso! Hori konpontzeko denetik probatu zuten: kataplasmak, belar-ukenduak, herriko petrikiloak propio egindako edabea… baina alferrik, egoera berezi hark berean jarraitzen baitzuen. Behin erdi sorgina zen herriko atso batek honela esan zion Maiñexi: - Maiñex, erne ibili! Hire arazoa gauean sortzen dun, gaueko izaki gaiztoek bisitatzen hautenean. Maiñexek atsoak esandakoa Joanesi kontatu, eta honek gau hartan zelatan egotea erabaki zuen. Bada ezpada ere, bere aizkora zorrotza ondoan paratu zuen. Iluna iritsi bezain pronto, eta ohikoa zuten bezala, tenore onean oheratu ziren, baina Joanesek ez zuen mesanotxeko kriseilua itzali eta aizkora ezkutaturik baina eskura ipini zuen. Aldameneko sehaskan Bixente ttikia lo zegoen. Loak berehala hartu zuen Maiñex, eta nahiz eta Joanesen atzetik ibili, azken honek, kostata, baina esna iraun zuen. Gauerdian, Joanesek, erdi lotan zegoen arren, hormako artezi batetik suge luze lodi bat ikusi zuen sartzen. Joanes ez zen mugitu ere egin, eta lotan balego bezala jarraitu zuen. Sugea, arrastaka baina aski fite, ohera igo zitzaien, eta zuzen-zuzenean Maiñexen bularren artera sartu. Joanesek ezin zuen sinetsi bere begiak ikusten ari zirena, sugea bere emaztearen bularretik edaten ari baitzen. Beraz, suge hura zen misterio haren sortzailea! Madarikatua! Joanesen eskuak aizkoaren giderra estutu zuen, baina zuhurtziari jarraiki, ez zuen mugimendu zirkinik ere egin sugeak esna zegoela ikus ez zezan. Denbora luze batez, sugeak bi bularretatik edaten jarraitu zuen, esne iturria ahitu zuen arte. Orduan, pittaka-pittaka, Maiñexen bular artetik irten eta arrastaka, pottolo-pottolo, ohetik jaitsi zen, hormako artezi aldera itzultzeko moduan. Momentu horretan Joanesek aizkora hartu, ohetik azkar altxatu eta kolpe bortitz batez sugea bitan ebaki zuen. Zart!!! Sugearen bi zatiak lurrean gelditu ziren astintzen esne putzu batean bustirik. Handik aurrera, Maiñexi ez zitzaion inoiz gehiago, goizeroko esnea faltatu izan, eta Bixente ttikia sendo eta osasuntsu hazi ahal izan zuen. ZIBURUKO BALEZALEAREN IBILERAK Ganix ziburutarra daukagu, hau da, Lapurdi itsasaldeko Ziburu herrikoa, lehen Zubiburu izana den herrikoa, hain zuzen. XVII. mendean ez zen aukera handirik herriko jende xehearentzat, eta ziburutar gehienak arrantzan edota laborantzan aritzen ziren. Bizimodu gogorra, baina nahita nahiezekoa aurrera egiteko. Ez zegoen beste aukerarik, edo hobeto esanda, bazeuden itsasgintzarekin loturiko beste bi bide: bale-ehiza eta korsua, biak izugarri arrisku handikoak zirenak. Ziburuko gizon gehienak, guztiak ez esan arren, jarduera horietan aritu izan dira mende luzetan, nekazaritzatik eta arrantzatik ateratzen dutena nolabait gizendu nahian. Ganix gureak ere, tarteka, horretan dihardu. Hamazazpi urterekin ilki izan zen lehen aldiz balearen gibeletik, eta geroztik beste sei bat alditan ibili da jarduera arriskutsu horretan. Ongi ordaintzen dute eta bide erraza izaten da sakela fite betetzeko. Horrela irabazitako sosei esker , gurasoek baserriaren gainean zeukaten zorra kitatu ahal izan zuen, eta orain Graxirekin ezkontzeko aurrezten ari da. Hurrengo urtean edo… nahiko luke esposatu, baina horretarako azken irteera baten premia du, erosi nahi duten baserria erosteko azken sos-zimiko baten beharra baitaukate. Hori dela eta, izena eman du, berriro ere, Piarres Haraneder kapitain donibandarraren itsasontzian. Ternua aldera doaz, eta gauzak itxaro bezain ongi atereaz gero, itzultzerakoan bere ametsetako baserria erosi eta Graxirekin ezkondu egin ahal izanen du. Hala eta guztiz ere, ongitxo daki zein latza den balearen ehiza, eta abiatutako aunitz Ternuako horma artean gelditzen direla betiko, hango mortu hotzetan, Euskal Herritik urrun, azken hatsa emanik. Handik astebetera Piarres Haranederren Izar ederra ontzia itsasoratzeko prest zegoen Donibane Lohizuneko portuan, eta Ganix bertan zegoen, beste donibandar eta ziburutar askoren artean. Hogeita bost urte bete berriak zituen eta Jainkoak horrela nahi izanez gero, huraxe izanen zen balearekin ukanen zuen azken abentura (desbentura ote?) Goizeko bederatziak aldean, Izar ederra Donibaneko portutik irten zen, eta kostaldeari jarraiki, bertako itsasgizonek zeukaten ohiturari eutsiz, Musko Ama Birjina dagoen talaiatik gertu igaro ziren. Han zeuden, Ama Birjinaren harrizko irudiaren gerizpean, euren amak, emazteak edota emaztegaiak zapi zuriak astintzen agur modura, eta euren gizonei azken musua bidaltzen. Eskualdeko zaharrenek diotenez, hortik omen datorkio izena Ama Birjin Muskoari, hau da Musukoari, usantza zaharra baita bertatik azken musu batez urrunera doazen itsasgizonak agurtzea. Horrelakoetan gertatzen den bezala, hartan ere, musuak, zapi zuriak eta negar isilak nahasi ziren. Ganixek Musko Ama Birjinaren aldera begiratu zuen, eta hantxe beste emakume ugariren artean, Graxi ikusi zuen. Buruko ilea jasoa zuen lepo atzeko txirikorda batean eta eskuaz zapi zuria astintzen zuen. Beti bezain ederra iruditu zitzaion. Halako batean, Graxik eskuaz bidalitako azken musua ikusi zuen, baita Graxik ere Ganixek igorritakoa. Gero, itsasontzia pittaka-pittaka urrundu egin zen itsaso zabalean kostaldea marinel guztien begietarako desagertu zen arte. ---------------------------------------- Hilabete pasatxo da Izar ederra Donibaneko portutik aterea dela, eta dagoeneko Ganix eta beste gizonak Ternuako itsaso hormatuetan dabiltza. Oraindik ez diote baleak harrapatzeari ekin, baina dagoeneko Piarres Haraneder kapitainak dena prest dauka. Itsasontziak baleak erruz topa daitezkeen Badia Handirantz doa. Gizonak prest daude, arpoiak zorrotz eta masta luzean igota dauden txotxoek itsasmuga begiztatzen dute balearen bila. Mutiko bat txirula jotzen ari da, eta zenbait gizonek jotzen ari den aireari kantatuz segitzen diote. Ni itsastxoria banintz Iparraldeko izotz lurretarat joan nintaike hegaldaka bale itsu gizenen ondotik. Itsasoa harro dago, haizea oro tzarrean, eta gu ezin kontsola etxe goxoa gogoan harturik. Gehien-gehienak gizon gogorrak dira, pobrezian eta jarduera latzetan gogortutakoak, baina horrek ez die eragozten perila (6) non dagoen ikustea, eta orain hurbil samar sumatzen dute denek. Ontziko kaperau On Joannesek otoitz saindua zuzendu du brankan bildutako gizonen aurrean, eta amaitzeko bedeinkapena luzatu die: - Jainko zerukoak bizia gorde eta itsasoko erraldoia den zerea edo balea hiltzeko aukera eman diezazuela. Sokorriko Ama Birjinak zuetaz oroit dadila! On Joannesek bere bedeinkazioa amaitu bezain pronto, Piarres kapitainaren ahots irmoa garbi entzun zen… - Eta orain denok gure lanetara! Arpoiak eta txalupak prest! Zaudete nire aginduetara! Txotxoek lehen balea ikusi bezain laster, guztiok txalupetara! Ehizaren orena iritsi zaigu. Inork ez zuen erantzun, eta hitzik esan gabe, marinelak txalupen inguruetan pilatzen hasi ziren. Txalupetan arpoiak eta sokak ikus zitezkeen. Dena prest zegoen, dena heriotzari aurre egin behar zioten gizon haien bihotzak izan ezik. Herio hurbiletik ikusteko inor ez baitago inoiz prest. Mastetako goialdetik txotxoek itsasmuga begiztatzen jarraitzen zuten. Lehenagoko mutikoak txirula jotzeari ekin zion, berriro ere, eta bizpahiru gizonek lehengo aireari segitu zioten ozenki kantatuz. - Zoin asto izan behar den ala guziz miserian bizi, untzirat iragaiteko bale bakartiaren hiltzaile. - Sos poxika batengatik zonbat arriskurik ez den, ur-untzia uzkeilirik, buztan haserretuak leherturik. Txotxoetako baten garrasiak kantua moztu zuen: - Baleak, baleak ababorrean!! ! - Txalupak uretara, fite! Egiaren orena da! Xantxa ona gure alde izan dadin! – bota zuen kapitainak indar handiz. Handik bi minutura lau txalupak itsasoan ziren, eta marinelek arraunen indarraz balea-sarda zegoen tokirantz zeramatzaten.Denak isilik zihoazen, zurbil, begirada makur… balea ehizatzera zihoazen, eta agian Herioren besoetara. Auskalo! Marineletako batek xaramelatu zuen: - Lana gustokoa zaio arrantzalegai den gazteari, bainan ikaretan dago bale basa hurbiltzen denean. Aurreko txalupan zihoan Haraneder kapitainaren agindu azkarrei jarraituz, lau txalupak baleen sardara hurbildu ziren. Baleak ez ziren mugitzen, lotan zeudela zirudien. Ama eta hiru kume ziren. - Lot lanari, erna gaiten! dio kapitaina jaunak; marinela eri dago bihotz ta arima errotik daldaran. Kapitaina aginduak ematen ari zen, eta itsasgizonen bihotzetan ikara gainezkatzen hasita zegoen. Ganix marinel gaztea eri zegoen, eri beldurrez. Kumeetako bat ordurako esnatua zen, eta lehenengo txalupa aldera zihoan. Arpoilariak prest zeuden. - Borroka hasten denean, uhain zoroak jauzian gora. Aberea zaurituta, odol basa zurrutan dario. Hurbilen zegoen txalupatik esku sendo eta irmo batek arpoi zorrotza jaurti eta bihotzean josi zion bale-kumeari. Animalia orroka hasi zen heriotzaren hurbiltasuna bere haragian josita sumatzean. Orroek balea handia eta gainerako bale-kumeak esnatu zituzten. Bale-kume zaurituak buztanaz bazterrak kolpatzen zituen eta txalupak azkarki mugitzen zituzten olatuak sortuz. Balea kolpatuaren zauritik odol basa borborka zerion. Balea handiak bere kumea hil zorian ikustean, zale abiatu zen lehenengo txalupa zegoen tokira. Arpoilariak bere lana bete zuen arpoi bat balearen haragian josiz, baina berantegi zen, itsasoko erraldoia txalupa gainean baitzegoen. Zurezko egitura txikitzean sortutako burrunba eta bertan zihoazen marinelen herio-oihuak kontzertu anker batean nahasi ziren, beste hiru txalupetako gizonen bihotzak hunkituz eta arrunt ikaratuz. - Gibeletik, gibeletik! – agindu zuen kapitainak. Ganix zeraman txalupa atzeko aldetik hurbildu zitzaion zetazeo haserretuari, eta arpoilariak bigarren arpoi bat sartu zion. Baleak azken hatsa eman zuen. Beste bi bale-kumeak, izuturik, itsaso zabalean urrundu ziren. Hiru txalupetako gizonak hondoratutako txalupako marinelen bat edo beste bizirik aurkitu nahian zebiltzan, baina alferrik, bertan zihoan inork ez baitzuen balea handiaren erasotik libratzerik izan. Txalupen inguruko itsasoa hildako balearen eta marinelen odolez gorriturik zegoen. Gero gerokoa, hurbiltzeko seinaleei kasu eginez, itsasontzia sarraskiaren lekura bertaratu zen, baleak lotu, gorpuak jaso eta hiru txalupak eta bertan zihoazen marinelak karelera igo ondoren, lemazainak kostaldera zuzendu zuen ontzia, bi baleak atoian eroanez. Behin lehorrean, animalien hilotzak txikitzera eta lantzera faktoriara eraman zituzten, eta hildako marinelak Ternuako lur izoztuetan ehortzi. Udaberria pasatuta, Izar Ederra Euskal Herrian zegoen, berriro ere, Donibane Lohizuneko portuan amarraturik. Haraneder kapitainak agindutako saria banatu zuen eskifaiako marinelen artean, olio hezur partea eta urrezko sos zenbait. Ganixek berea hartu ondoren lehorreratu zen. Graxi zeukan gogoan. Oraingoan bai, baserria erosi eta ezkondu egingo ziren! Ziburura iritsi zenerako ilargia zeruan, goi-goian, zen. Bai Ganix eta bai beste marinel ziburutarrak herriko ostatura sartu ziren ardo gorri nafarrak igarotakoa ahazten lagunduko zielakoan. - Oligo hexur partea, sos guttirekin saritzat, moltsa arin itzultzen da gaztea Ziburuko tabernarat. PELLOT KAPITAINA ETA DIAMANTEAREN MADARIKAZIOA Gure Jesukristoren 1856. urtean gaude Lapurdiko Urruña herrixkan. Ilunabarra da eta haizea, euria eta hotza nagusi dira bertako karriketan. Jundane Bixintxo eliza ondoko apez-etxetik beltzez jantzitako gizon luze kaskazuri bat atera da, eta bere atzetik bi mutiko gazte. Gizona herriko apeza da eta bi mutikoak meza-mutilak. Apez jaunak bere besoetan zapi zuri brodatuen azpian babesturik, kaliza eta beste lanabes santuak daramatza. Haizeak gogor jotzen du eta hotza hezurretaraino sartzen zaie hiru gizonei. Hala ere, aitzina jarraitzen dute. Zenbait minuturen ondoren Lapurdiko estiloaz egindako etxe eder zabal baten parera iritsi dira. Prioretegi izena du. Zuri-zuria da, eta aurrealdean apaingarri gisa dauzkan oholak gorriz margoturik daude. Atetzarra eta leihoak itxita daude eta teilatu gaineko tximinia zabaletik ke hats luzea altxatzen da. Apeza atetzarrera hurbildu eta bertako aldaba erabiliz indarrez jo du: - Danba, danba, danb ! ! ! Barrutik emakume zahar baten ahotsa entzuten da galdezka: - Apez jauna, berori dea? -Bai Gaxuxa, ni nauzu eta olio sainduak dakartzat zure anaiarentzat, eskatu didazuen bezalaxe. Zabaldu atea lehenbailehen! - Oraintxe bertan, Joan Kruz, Koxe, zabaldu atea apez jauna sar bedi. Atetzarra zabaltzean kirrinka luzea entzun zen. Eta barrutik, adineko bi gizonez inguraturik, kriseilu bat eskuan zeukan andre zahar batek etorri berriak agurtu zituen: - Egunon Jainkoak eman diezazuela! - Baita zuri ere! – erantzun zioten ate aurrean zeuden hiru gizonek. - Aitzina, aitzina, zuen etxean zaudete! – andre zaharrak, eskuaz etxean sartzeko gonbitea egiten zien bitartean. - Eta Pellot kapitaina, nola dago? - Gaizki, gaizki, bere azken hatsa ematen ari da. Berak eskatu digu berori deitzea azken olioa eman diezaion. Ez du beste mundura joan nahi, bere bekatuen barkamena jaso gabe. - Giristino ona izan da beti, eta Jainkoak bere bekatu guztiak barkatuko dizkio heriotzaren tenorean. – apezak--- Eraman nazazu bere ohatzera, otoi! Emakumeak txintik esan gabe, sarrerako bazter batean dagoen zurezko eskaileretatik gora abiatu da, gibeletik apeza eta meza-mutilak doaz. Emakumeak daraman kriseiluak bidea argitzen die. Goiko solairuan badira zenbait ate, horietako bat bultzatu du emakumeak eta denak barrura sartu dira. Gela zabal samarra da, erdian paretan zintzilik dagoen zurezko gurutze handi baten azpian ohatzea dago eta bertan Pellot kapitaina bere azken hatsa ematen. Ezker aldean aulki bat eta aurrez aurreko beste paretan euskal itxurako kutxa bat. Emakumea gaixoarengana hurbildu eta ahots gogorraz esan dio: - Istebe, On Martin etorri duk, hik eskatu bezala. Hementxe zagok eta hik galdatu guztia ekarri dik. - Ederki, ederki, erraion hemen nire ondoan esertzeko. Berekin bakarka hitz egin nahi baitut. - Ongi Istebe, apezarekin bakarka utziko haut. Eta apezarengana joanez anaiak eskatutakoaren berri eman zion. - Ongi, ongi, utz nazazue bakarrik berarekin, otoi! Emakumeak aulki gainean zegoen kriseilua piztu zuen eta meza-mutilekin batera gelatik atera zen. Momentu berean apeza Isteberengana makurtu zen eta aitarena egiten hasi. Pellotek zakar moztu zion otoitz santua. - Ixo Mattin, ixo! Ez hasi halako erretolikekin. Hirekin hitz egin nahi nian, baina lagunkiro, gaztetan Hendaian, gure herrian, sagarrak eta haranak osten ibiltzen gineneko garaietan bezalaxe. - Baina Istebe, jauna hartu eta azken olioa jaso nahi hituelakoan etorri nauk korrika eta presaka. – apezak arrunt harrituta. - Bai Mattin bai, hori guztia ere nahi diat. Hik badakik ez dudala apezengan gehiegi sinisten, baina Jainkoa hortxe zagok, gu guztion gainean, eta beste mundura joateko pronto nagoenez, onena izanen duk horrelakoetan egiten den guztia egitea. Bada ezpada ere! Ez al zaik iruditzen? - Hara, hara, Mattin, burua betiko lepoan daukak. Ahal duguna eginen diagu. Bekatuen aitortza egin nahi al duk? - Aitortza baino gehiago kontaketa, zeren eta, zer duk aitortzea, norberaren bizitzari errepaso bat ematea, ezta? Eta bekatuak, ez al dituk edonoren pausoak aski bekatu?, baita hi bezalako apez, apezpiku eta bele beltzez jantzitako beste askorenak ere? - Istebe, azken hatsa ematen ari haiz eta ez zaik komeni Jainkoaren haserrea piztea horrelako esamesekin. Konta iezadak kontatu behar didaana eta gerokoa nik eginen diat. Aitzina! Eta horrela, Pellot kapitaina bere bizitzaren nondik norakoak kontatzeari ekin zion. On Martin Iturbide apeza eta lagunak arreta handiz entzuten zion ohearen izkina batean eserita, aldamenean zeukaten kriseiluak sortzen zituen argi-itzalen artean. - Duela laurogeita hamaika urte sortu ninduan Hendaian, hau duk, Gure Jesukristoren 1765. urtean. Aitaren familia, pellotarrak, orduan Urruñako auzoa zen Biriatukoa zen, eta amaren familiak, azpilikuetarrak, Baztanen sorterria zeukan. Pellotarrak Hendaiara aldatu ziren balea-arrantzak erakarrita. Buckingham-ek agindupeko ingelesek Larroxela hesitu zutenean, Hendaiako ontziterian agintea zuen Joan Pellotek (Istebe Pelloten arbasoa izan zena) eta Donibane Lohizunekoan agintzen zuen Ibañetak lortu zuten setioa haustea eta Larroxelan sartzea. 1778an, arbasoen odolak eta itsasoak deiturik, etxetik alde egin nian eta hamahiru urterekin kortsarioen ontzi batean sartu ninduan. Garai hartan Ameriketako lehen hamahiru estatu haiek independentziaren alde borrokatzen ari zituan, eta Lafayette frantsesak, Pasaiako portutik itsasoraturik, amerikarren alde egin zian. Nik neuk parte hartu nian ingeles ontzien kontrako borrokaldi ugarietan eta horrela ospe handia eskuratu nian. Perutik Espainiara urrez beterik zihoan Nuestra Señora del Océano ontziaren zorioneko abordaia eta harrapatzean ere parte hartu nian, teniente gisa. Bertan bazuan altxor handiaren jabe zen familia espainiar bat. Bere altxorra errekisatu genian eta emazteak bazeraman lepotik zintzilik intxaur baten neurriko diamante ederra. Biak urkatu genitian masta nagusitik zintzilik. Baina diamante hura ez zuan inoiz agertu, preso hartzean nik ostu banioan beste inor konturatu aurretik. Edo hori pentsatzen nuen nik, bederen (7). Baina laster jakin nuen erratuta nintzela. Espainiar ontzian, eskifaiako (8) marinelen artean, baziren zenbait euskaldun, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak gehien-gehienak. Horietako gazte bizargabe batek, behin, preso zeuden ganberara (9) hurbildu nintzela, eta nire gizonekin euskaraz hizketan aditu zidala, horrela erran zidan: Lapur bati lapurtu diozu eta Jaungoikoak ez du hori bekatutzat hartzen. Dena den, kontuz ibili zuk atzeman dezun diamantea Ameriketako indioei lapurtua baita, eta madarikazioa berekin batera eramaten du-eta. Floresko markesak garesti xamar ordaindu du, larrutik, bere senarrak diamantea lapurtu izana. Eta orain zure eskuetan dago. Erne ibili, madarikazioa zurekin batera eramaten dezu-eta! Nik ez diat nehoiz halako gauzetan sinistu, baina, bada ezpada ere, madarikazioaz libratzeko moduaz galde egin nioan, eta berak arrapostua (10) eman: Modu bakarra dezu benetako jabe diren indioen eskuetara itzultzea, edota diamantea itsasora jaurtitzea, olatuek eta korronteek bere sorterrira itzul dezaten. Hori dezu madarikazioaz libratzeko modu bakarra. Ulertuko duan bezala, nehoiz ez nian itsasora jaurti, eta nirekin gorde izan diat urte luzetan. Gazte gipuzkoarrak hori erran zidanetik hiruzpalau egunetara, ontzian elikagai gutxi zirela eta, kapitainak hartutako presoen erdia fusilatzea eta itsasora botatzea agindu zian. Gizagaixo haien artean mutil hura hil zitean. Orduz geroztik gordeta eduki diat. Bizitza honetan denetik agitu zaidak, gauza onak eta gauza txarrak, baina momenturik gaitzenetan ere ez nauk diamantearen madarikazioaz beldur izan. Baina orain, bestelako kontua duk Mattin, laster hilen nauk eta ez diat beste mundura, nirekin batera, madarikazio hori eraman nahi. Ulertzen al didak? - Bai, Istebe, ulertzen diat! – erantzun zion apezak, zur eta lur zegoela. Pellot kapitainak On Martinen eskua estutu zuen. Begiek eldarnio batek jota ziruditen. Azken hatsa ematen ari zen. -Mattin otoi, diamantea atxiki behar duk eta Urruñako labarretatik itsasora bota. Horrela libratuko nauk madarikazioaz. Eginen al duk? - Bai, bai, eginen diat. Apezaren baietzak lasaiturik, Pellot kapitaina diamantearen gordelekuaren berri ematen hasi zitzaion: - Gure lurretan bazagok sagardi ederra, segi ezak sagarrondorik handieneraino eta bere inguruan lurra harrotu, berehalaxe topatuko duk. Gero, badakik zer egin behar duan, ezta? – apezaren eskua indar handiaz estutuz--- Eginen al duk? Zin egin iezadak! - Zin dagiat Istebe, zin dagiat Sokorriko Ama Birjinaren izenean! Hori entzun ondoren, Pellot kapitainak bere azken hatsa eman zuen. Gero, Joan Kruz Danbolena eta Koxe Enatarriaga laborari zaharrek On Martinek egindako hil-agiria sinatu zuten lekuko gisa. Hurrengo egunean ehortzi zuten. On Martinek kapitain eta lagun hil-hurrenaren aitzinean egindako zina bete nahi zuen. Horregatik, handik bi egunera, Prioretegiko sagardirantz jo zuen, sagarrondorik handiena xerkatu, eta gero aitzur baten laguntzaz enborraren ingurua harrotu zuen. Metro erdi eskasa induskatu behar izan zuen, eta azkenik, han topatu zuen diamantea larruzko zakote baten barruan gorderik. Esku dardaratiaz atera zuen zakotetik; ederra zen oso. Momentu batez, beretzat gordetzeko tentazioa eduki zuen – diamante harekin Urruñako eliza goitik behera konpon baitzezakeen eta baita herriko guztiak izugarri aberastu ere--- baina gero madarikazioaren oroitzapena etorri zitzaion burura. Ez, ezin zuen hori egin, arriskua handiegia baitzen! Hurrengo goizean, etxeko astoa hartu eta bere gainean itsasertzeko labarretara abiatu zen. Hogei minutu beranduago han zegoen, itsaso gainera irteten zen muino ttiki baten tontorrean. Azpian itsasoa zeukan. Olatu haserretuek indar handiz kolpatzen zuten muinoaren erroetan. On Martinek, emeki-emeki, larruzko zakotea patrikatik atera zuen, eta bi aldiz pentsatu gabe, bere indar osoz itsasora jaurti zuen. - To Itsaso, eraman ezan bere sorterrira, eta libra gaitzan bere madarikazioaz ! Berehala, olatuen apar artean desagertu zen. BOLUNTARIO KARLISTAK SAGARDOTEGIAN Gogorra da maite denaren alde armaz borrokatu beharra, are gogorragoa maite dena erdietsi gabe, armak etsaiari eman beharra. Horixe bera da 1876ko otsailaren erdi aldeko goiz hotz hartan Gipuzkoako II. Batailoi karlistako gizonak Donostian egiten ari zirena. Umilazio handiagorik! Ordurako II. Karlistada galdua zen eta Don Carlos erregeak zuela urtebete, hau da, 1875eko otsailaren 28an, Iparraldera alde egin zuen Arnegitik barrena. Orduz geroztik ez zen esperantzarik. Tropa karlistek etengabeki egiten zuten gibelera, eta azkenean baldintzarik gabeko errendizioaren ordua iritsi zen. Gaixoa Euskal Herria! Gizajoak euskal foruen alde ibilitako gizon eta mutil karlistak! Hura akabera zen, mundu eta gizarte baten akabera krudela. Eta Donostian armak txondorretan utzirik errenditzen ari ziren gizon haien bihotzetan akaberaren sentipena nagusi zen. Handik aurrera ezer onik ez euskaldunentzat, ezer onik ez euskal foruentzat, eta ezer onik ez gerra galdu berria zuten gizon haientzat. Etorkizun beltza sumatzen zuten eta hori okerrena etortzear zegoela. Hilabete beranduago, hau da, 1876ko martxoaren 13an Espainiako gobernuak euskal foruak deuseztatzeko legea aterako baitzuen. Borrokalari karlistek etortzear zegoen ekaitza igartzen zuten. Ilaretan zeuden, eta banan-banan, beti goibel eta burumakur armak uzten ari ziren txondorretara hurbiltzen ari ziren. Poliki-poliki, astiro-astiro, lasai samar, han ez baitzegoen inolako presarik, gizonak borrokan erabilitako fusilak eta baionetak lagatzen ari ziren. Askok utzi aurretik, azken musu bat ematen zieten, inoiz gehiago ikusiko ez den emaztegaiari ematen zaion intentsitate berberaz. Benetako agurra zen. Sekulakoa. Esperantzari atea betiko ixtea. Nartziso, Patxi, Matias eta Tomax horretan ari ziren. Lauak donostiarrak ziren, adin berekoak, 26-27 urte bitartekoak, eta ume-umeetatik lagun gisa ibiliak. Loiolako eta Amarako baserrietako semeak ziren eta 1872. urtean, bigarren matxinada karlista piztu zenean, bi aldiz pentsatu gabe, euren gurasoek I. Karlistadan (1833-1840) erabilitako armak harturik gudaroste karlistara pasatu ziren boluntario gisa. Hura bi belaunaldien arteko erreleboa izan zen. Orduz geroztik sufrikario ugari pasatuta ziren. Gerra hura ankerra eta gupidarik gabea izan zen, ez alde batean, eta ez bestean, ulertzeko eta barkatzeko ahalmenik ez baitzegoen. Beraiekin boluntario joandako asko gorpu gelditu ziren Euskal Herriko gatazka-lekuetan. Herriak eta mendiak hilerri bilakatu ziren. Armak utzi ondoren Loiola aldera abiatu ziren frontoi ondoko sagardotegira. Norberak bere etxera joan aurretik, agur-bazkaria egin beharra zeukaten, horretarako azken ordainean emandako txanpon urriak xahutu behar bazituzten ere. Triste, burumakur, hitz egiteko gogo handirik gabe Loiolarako bidetik barrena abiatu ziren. Eguerdiko hamabiak ziren eta sagardotegia jendez gainezka zegoen. Bertan baziren era guztietako gizonak: inguruko baserritarrak txapela buruan, beraiek bezalako soldadu karlista ohiak – uniformea oraindik kendu gabeak---, bidaiariak, merkatariak eta eskuin aldeko upelen artean bazen soldadu liberal erdaldunen taldetxo bat. Bospasei gizon ziren bakarrik, armaz beterikoak, eta poztasun handiaz eta buila handiagoaz erdara ulertezinaz aritzen zirenak. Beste guztiek, berriz, triste hitz egiten zuten, galdu berria zuten gerraren zapore mingotsaz. Kontraste handia zen batzuen eta besteen artean. Itsu batek berehalaxe atzemanen zuen nor ziren irabazleak eta nor galtzaileak. Bi mundu ziren, eta sagardotegi berean bazeuden ere, elkar ignoratzen zuten. Lau lagunek bazkaria eskatu eta mahai baten ingurura hurbildu ziren. Han ez zen eserlekurik eta den-denek zutik bazkaltzen zuten, sagardotegien usadio zaharrari jarraiki. Euskaldunak, beti isilik, soldadu liberal erdaldunak gero eta ozenago, barre handiak eginez. Gure lau lagunek ez zieten tutik ere ulertzen, baina soldadu liberalen barre algarek mailu baten modura jotzen zuten euren bihotz galtzaileetan. - Horiek gutaz ari dira barrez! – esan zien Patxik beste hiruei amorrua ezin kontuz. - Utz itzak, utz itzak, gerra galdu diagu eta ez zegok zer egiterik! – erantzun zion Nartzisok lagunaren amorrua baretu nahirik. - Gainera ez diegu ezer ulertzen, eta auskalo zertaz ari diren! Agian emakumeen kontuez ari dira, jakitera! – esan zuen Tomaxek Nartziso lagundu nahian. - Ez zieagu ulertu behar, gure porrota ospatzen ari direla jakiteko, begi bistan zegok! – ihardetsi zion Patxik temati. - Patxik arrazoi osoa du, horiek gutaz ari dira barrez! Erdaldun zerriak! Fusila eskutan baneuka ikusiko lukete! – Matiasek Patxiren alde eginez. Bitartean han ari ziren soldadu liberalak barrez eta algaraz. Entzun diezaiegun esaten dutena. - Pero, Nicasio, ¿qué vas a hacer ahora con las dos novias que tienes esperándote en el pueblo? (Baina Nicasio, zer egin behar duk orain herrian zain dituan bi emaztegaiekin?) - No sé, no lo he pensado todavía. ¿Quieres que te preste alguna de ellas, Luis? (Ez zekiat, nahi al duk horietako bat hiri uztea, Luis?) - No hombre, que estoy casado y en el pueblo me está esperando mi mujer. (Ez gizona, ezkonduta nagok eta herrian emaztea zeukaat nire zain) – erantzun zion Luis izenekoak lehen aipaturiko Nicasiori. - Seguro que no te espera, y que más de una vez se ha consolado con el cura del pueblo. (Ziur ez dagoela hire zain eta behin baino gehiagotan kontsolatu egin dela herriko apaizarekin) – bota zuen hirugarren soldadu batek. Momentu horretan sei gizonek barre algara handiak sortarazi zituzten. - Entzuten al diezue? Nik ezin dut gehiago. Burua salbatu nahi baduzue, altxa eta nik esaten dudanean denok korrika kanpora. Aditu al duzue? – Patxik amorrazioaren sutan kiskalita. Inork ez zuen deus erantzun, baina begiekin Patxiren hitzak onartu zituzten. - Orain!!! – oihu egin zuen Patxik--- eta txotx egitean lurrera doan sagardoa biltzeko egoten den zurezko ontzi horietako bat eskuan harturik, algara gehien egiten zuen soldadu liberalarengana hurbildu eta indar handiz buruan jo zuen. Soldadua ziplo erori zen lurrera, burua guztiz irekita. - Biba foruak! Biba Don Carlos! – oihu egin zuen jarraian Patxik. Beste soldadu liberalak konturatu zirenerako lau lagunak kanpoan zeuden eta korrikari emanda. Hurrengo hilabeteak, hurrengo urteak… izugarri gogorrak izan ziren karlista galtzaileentzat. Gure lau lagunak denborarekin ezkondu ziren eta euren bizimoduak nekazari gisa birbideratu zituzten. Hil arte oroitu zuten samin handiz porrotaren egun hura, baita Loiolako frontoi ondoko sagardotegian ustez beraietaz barrez ari zen soldadu liberal erdaldun hari burua ireki zioteneko pasadizoa ere. ---------------------------- Ez gerade traidore, ez pezeteroak, ez gerade traidore, ez pezeteroak, Don Carlosen aldeko boluntarioak, boluntarioak, ez pezeteroak, boluntarioak, ez pezeteroak. PILOTARI MALTZURRAK 1894ko ekaineko lehen astea zen. Igandean pilota partida handia jokatu behar zen Donostiako Beti Jai frontoian, edo gutxienez horrela espero zuten Euskal Herriko bazter guztietatik, sartzeko txartela ordurako erosia eskuan zutela, Donostiara bertaratutako pilotazaleek. Zaleen arteko giroa bero-bero zegoen eta apustuak gori-gori. Baietz eta ezetz, besterik ez zen tabernetan eta pasealekuetan entzuten. Askok dirua egin nahi zuten trabesekin. Peru Agorreta eta Luxio Kortajarena pilotariek aurrez aurre, norgehiagoka aritu behar zuten. Pilota jokoa munduko kirolik ederrena omen da, euskaldunok horrela sinisten dugu, bederen. Joko garbia, soineko zuriak, mutilen indarra, frontoietako giroa… dena du eder, dena du polit. Baina izan badira, tarteka, giro eder hori zapuzten duten faktoreak, eta horietako bat diruzalekeria da. Askotan entzun dugu baserria frontoiko apustuetan galdu zuen baserritarrarena, edota emaztea apustu egin zuen beste harena. Horrelako hamaika kontu izan dira frontoiekin nahasita. Bere burua saldu duen pilotariarena ere entzun samarra daukagu. Eta horixe da oraingo honetan jorratuko dugun gaia. Peru Agorreta pilotaria poz-pozik zegoen igandeko finalera iritsia izanagatik. Gaztea zen oso, eta etorkizun ona zabaltzen ari zitzaion pilotaren munduan. Aldeko asko zeuzkan, herrian gehienbat. Lehengoan, aitak kontatu zioenez, herri guztia joatekoa omen zen igandeko partidara, baita On Luix herriko apaiza ere; igandean herrian arimarik izango ez zenez, iganderoko ohiko meza ez ematea erabakita baitzeukan, eta beste herritarrekin batera frontoira joatekoa zen. Ordurako txartela patrikan zeukan Donostiako frontoira joateko prest, txartela eta trabesetan parte hartzeko elizako zipiluan bildutako diru kopuru polita. Den-dena Peruren alde apustu egin behar omen zuen eta espero zituen irabaziekin elizako aldarea berritu nahi omen zuen. Gauza bera egitea pentsatzen zuten Koxme tabernariak, Xilbextre botikariak, Joxe Goikobordako artzainak, Iñaxita loteria saltzaileak eta baita Mañoli dendariak ere. Den-denak ziur zeuden Peruren garaipenaz eta bere alde, bizitza osoan zehar aurreztutako sosak jokatzeko prest ziren. Beraien ustez, Peruren aldeko apustua diru irabazpide ziurra zen. Gauza bera gertatzen zen Luxio Kortajarenaren herrian. Igandean denak ziren Donostiako Beti Jai pilota-plazara joatekoak: alkatea, erretorea, botikaria, maisua, dendaria, tabernaria… baita bere guraso eta anaia-arreba guztiak ere. Denak prest zeuden joateko. Txartela poltsiko batean zeukaten, bestean bizitza guziko aurrezkiak. Hauek ere, bere herriko pilotariaren garaipenaz seguru zeuden. Baina diruzalekeria lagun txarra bada, inbidia askoz okerragoa oraindik. Eta horixe zen Peru Agorretaren eta Luxio Kortajarenaren bihotzetan unez une, momentuz momentu gizentzen ari zena. Denek egin behar zuten dirua haien kontura! Denek! Denek, beraiek izan ezik! Eta bekaitzak bultzaturik asmo gaiztoak agertzen ari ziren bi pilotarien buruetan. Azkenean asmotik ekintzarako tarte laburra egitea erabaki zuten. Peru Agorretak, bere lagunekin bildu, eta aurrezturik zeukan diru guztia eman zien bere kontrako apustuetan joka zezaten. Horrela, kontra-apustuekin lortutako diruari esker, baserri eder bat erosiko zuen, azienda handia jarriko eta Margarita andregaiarekin ezkondu ahal izango zen. Ez zen plan makala. Herriko guztiek galduko zuten, eta apaizak ezin izango zuen elizako aldarea berritu, baina bost axola berari. Norberak bere buruari begiratu behar dio, bere buruari… eta bere poltsikoari. Luxio Kortajarenak ere, antzeko zerbait egin zuen, koltxoian gordetzen zituen aurrezkiak atera, lagun minak bildu, eta beraiei eman zizkien bere kontrako apustuetan jar zitzaten. Herritarrek izugarri galduko zuten, baita senideek ere, baina berak askotxo irabaziko zuen eta horri esker ostatu handi bat zabaldu ahal izango zuen herriko plazan. Hau zen bere betiko ametsa eta igandeko partida zela eta, eskura edukiko zuen. Herriko plazan bazen beste taberna bat, Andrexena, baina Luxiok ederki zekien igandeko partidan Andrexek zeukan diru guztia bere alde apustu egingo zuela. Lur jota geldituko zen, sosik gabe, taberna saldu beharko zuen zorrak kitatzeko, eta horrela Luxioren taberna inolako konpetentziarik gabe geldituko zen. Huraxe bai negozio ederra! Eta igandea iritsi zen. Eta frontoia jendez gainezka bete zen. Huraxe zen giroa, huraxe zen dirua barra-barra trabesetan zebilena! Partida lastimosoa izan zen, hutsak eta joko txarra nagusi. Zaleak bero-bero zebiltzan eta apustu egin zutenak izerdi patsetan zeuden, hura ez baitzen giro. Hala-hola, azken tantora iritsi ziren, hogeita bana. Bi pilotariak buruz buru ari ziren, baina norgehiagoka aritu beharrean, norgutxiagoka. Ez batak eta ez besteak ez zuten partida irabazi nahi. Luxio Kortajarenak egin behar zuen azken sakea. Peru Agorreta zain zegoen txarra egiteko pronto eta kontra-apustuetan jokatutakoari esker diru kopuru handia sakelaratzeko irrikan. Luxiok ordurako bazeukan bere aurkariaren nahiaren berri. Garbi zegoen! Sake laburregia egingo diat eta dirua zuzen-zuzenean nire poltsikora etorriko duk! – pentsatu zuen maltzur. Pilota hartu, eta inongo disimulurik gabe, pilota labur sakatu zuen. Frontoian zeuden bere kontrako guztiak zutitu ziren euren herriko pilotariaren garaipena ospatzeko. Bazirudien gauzak Luxio Kortajarenak pentsatu bezala irteten ari zirela…., baina Peru Agorretak bere kontrarioaren jukutria ikustean, aurrera joan zen korrika bizian eta, bere burua lurrera botaz, pilota airez jo zuen eramateko inongo asmorik gabe. Horrela bera izan zen galtzailea. Ordurako zutik zeuden bere aldeko guztiak ahoa bete hortz gelditu ziren, eta bere burua galtzailetzat jotzen zuten Kortajarenaren aldekoak, garrasi izugarri batez, euren eserlekuetatik altxatu ziren ezusteko garaipena ospatzeko. Partida bukatua zen. Luxio Kortajarena zen irabazlea. Hala ere, ez zuen ematen oso pozik zegoenik, marruz ari baitzen kantxako bazterrean. Bat-batean, frontoia guda-leku bilakatu zen, botilak eta edalontziak airean ari ziren. Horietako batek, bete-betean, Kortajarenaren buruan jo zuen eta amorruz betetako pilotari txapelduna seko erori zen lurrera odol putzu handi baten erdian. Agorreta ez zen hobeto atera. Bere herrikoek hebaindu nahi zuten eta atzetik zebilzkion harrapatu nahian. Azkenean, On Luix apaizak eta Joxe artzainak txoko batean harrapatu zuten eta eskuan zeramaten aterki bana Peru gizajoaren bizkarrean hautsi zituzten, goardasolak hautsi eta baita pilotariaren saihets guztiak ere. Aguazilek frontoian sartu behar izan zuten borroka hura baretzera. Donostiako ospitalea zaurituz bete zen. Kortajarenari hamabost puntu josi behar izan zizkioten buruan eta Agorreta gaixoak begi bat galdu zuen, bere herriko erretoreak euritakoaren puntaz aterata. Eskandalu ikaragarri handia izan zen, epaileek sari banaketa bertan behera utzi behar izan zuten, apustu guztiak indargabetu eta pilotari biak atxilotu eta iruzurraz akusaturik epaitu. Horrela amaitu zen horrenbeste itxarondako Agorretaren eta Kortajarenaren arteko finala, inbidiak eta diruzalekeriak piztutako asmo txar guztiak bukatzen diren bezalaxe. Atsotitzak dio zikoitzaren sakelak bi zulo dituela, bat handi samarra ahal den diru gehiena bertara sartzeko, eta beste handiago bat, sartutakoa eta aurretik bildutako guztia galtzeko modukoa. Hauxe da bi pilotari zikoitzek emandako ikasbidea. IRUÑEKO APAIZGAITEGIKO HILKETAK XIX. mendearen hondarretan gaude, eta erlijioak eragin handia dauka euskal gizartean. Aunitzetan zail samarra zen erlijiosoaren eta profanoaren artean bereiztea, orduko erlijiotasun estuak bizitzaren arlo guztiak elikatzen baitzituen. Karlistadak mende horretan galduak ziren (I. karlistada 1833-1839 // II. karlistada 1872-1876) eta ondorioek bizi-bizirik zirauten gure geografia osoan. Armen porrota nabarmena zen eta horren ordez gazte askok, fusila eta zizpoleta ezin harturik, fedearen bideari ekin zioten. Apaizgaitegiak Kristoren mezua defenditu eta zabaldu nahi zuten gazte kementsuz gainezka zeuden, eta Iruñekoa horrela zegoen, leporaino betea. Bertan laurogei bat gaztek ikasten zuten arima eta burua argitu nahian. Gazte-gazterik sartzen ziren, edota askotan gazte-gazterik sartzen zituzten euren gurasoek, Ameriketarako bidea hartu gabe, etorkizun hobea, erosoa eta prestigioduna urra zezaten. Apaizgaitegian ez ziren irakasle onen eskasian, eta bertatik igarotzen zirenak formazio erlijioso eta humanistiko on baten jabe irteten ziren. Bertan era guztietako gazteak ikus bazitezkeen ere, gehien-gehienak baserritarren semeak izaten ziren, laia eta goldea betiko uzteko irrikatan zirenak. Teologia, latin eta erromantze ikasketez betetzen zieten bai burua eta bai denbora ere, hala eta guztiz ere, astirik bazuten gorputzaren libertimendurako, eta neskekin ibiltzea galarazita zeukatenez gero, han aritzen ziren den-denak, sotana eta guzti, apaizgaitegiaren bazter batean zegoen frontoi ederrean. Beraien artean, baziren aski pilotari onak zirenak. Egunak joan egunak etorri, frontoian hartzen zuten atseden gure apaizgaiek. Egia esateko, gehienek nahiago zuten pilota partida on bat munduko teologi ikasketa guztiak baino. Horietako binakako partida bat bukatu berria da, eta bertan aritutako lau mutilak gorputza freskatzera eta garbitzera doaz. - Gaur, partida ederra egin dugu! – bota zuen Xatur Etxegia izeneko mutil goizuetarrak. - Bai mutil, ederra benetan! – baieztatu zuen Joanes Ezpeleta gazte iruinsemeak, kopetatik behera irristan jaisten ari zitzaion izerdia eskuaz xukatuz. - Ederra izan da, bai! Ederra eta ederki borrokatua: 22-21. Biharkoan errebantxa hartuko dugu eta gure gibelean utziko zaituztegu, alajainkoa! – segitu zuen Juliantxo Aoiz tafallarrak. - Bai horixe, egun guztiak ez dira jai, ezta pilotan galtzekoak ere! Bihar pasara ederra emanen dizuegu! – esan zuen partidan Juliantxoren bikotea izandako Erramun Bertiz baztandarrak--- Bihar ikusiko duzue! - Ixo, ixo! Hortxe daukagu Aita Pontziano guri begira eta ez du ematen oso kontent dagoenik! – Joanesek, disimulatuz, aipatutako apaiz pottokoak esaten ari zena ezpainetan irakur ez ziezaion. - Juliantxo, uste diat entzun duela hik egin duan Jaungoikoaren aipamena! – Xaturrek, burumakur. - Ezin dik izan, oso urrun zagok! – Juliantxok ihardetsi zion beldurrak hartuta. Lau mutilek burua makurtu zuten eta isil-isilik eraikineko atetzar aldera hurbildu ziren, beste apaizgai gazteen artean nahasirik. Lauak biziki gazteak ziren, hamasei-hamazazpi urtekoak, eta lauzpabost urte zeramatzaten apaizgaitegian euren gurasoek bertan laga zituztenetik. Ordutik jan-edateko onak ez zitzaizkien inoiz falta izan, baina askatasuna arrunt galduta zeukaten. Urrezko kaiolan hazitako txoritxoak ziruditen. Lauak lagun handiak ziren eta ahal zuten guztietan elkarrekin ibiltzen ziren, agindutako lanak egiteko, frontoian aritzeko eta baita nesken gaineko kontu debekatuez hitz egiteko ere. Apaizgaiak ziren, bai, baina ez horregatik zakil gabeak; eta noski, gazteriaren lorian izaki, neskei buruzko kontuak izaten ziren lauen artean gehien jorratzen zituzten solasgaiak. Aristoteles, Platon eta Akinoko Santo Tomasen gaineko solasaldi luze eta aspergarriak ikasgelarako uzten zituzten. Apaizgaitegia beste mundua zen, edo hobeto esanda, mundutik at zegoen beste mundua. Bertan denetik zeukaten: ikasgelak, bulegoak, kapera, sukaldea, jangela, logelak, komunak… eta lehen ikusi dugun bezala, baita frontoia ere. Apaizgaiek bertan ematen zuten beren eguneroko bizimodua eta apaizgaitegitik irtetea guztiz debekatuta zeukaten, ez bazen zerbait oso berezirako, eta apaiz-maisu batek lagunduta, gainera. Logelak eta komunak lau barrutitan kokatzen ziren: iparraldekoak, hegoaldekoak, mendebaldekoak eta ekialdekoak. Barruti bakoitzak bazuen bere apaiz-maisu burua, arduradun gisa. Gure lau gazteek ekialdeko barrutian egiten zuten lo beste hamasei mutilekin batera. Beraien apaiz-maisu burua Aita Pontziano zen. Apaiz horrek berrogei urte inguru zituen, tuterarra zen, eta arrunt estu eta gaiztoa. Mihi txarrek ziotenez, parte hartua zen epaile gisa Inkisizioak Nafarroan egindako azken saioetan, eta gaineratzen zutenez, hamar bat neska-mutil surtara igorri omen zituen gari tartean zirriz egiten harrapatuak izan zirelako. Egia ala asmakeria, gauza zen Pontziano Karrantza apaiz-maisu burua guztiz gogorra eta desatsegina zela. Emakumeak gorroto zituen, baina ez horrela mutil gazteak, eta apaizgaiak txukuntzeko biluzten ziren guztietan han egoten zen bera begira-begira, inor inolako lizunkeriatan eror ez zedin. Horretaz gain, bortizkeria eta besteen sufrimendua maite zituen, eta apaizgairen batek erlijioaren edo apaiztegiko arauen baten kontra zernahi egiten zuelarik, gogorkeriaz zigortzen zuen. Ekialdeko barrutian bazeukan gela berezi bat justizia egiteko. Atearen kanpoaldean eskegita gurutze handi bat zeukan eta barruan era guztietako zigor tresnak. Zigor guztien artean, gehien gustatzen zitzaiona zera zen, apaizgai biluziak sabaitik zintzilik zeuden soketan eskumuturretatik lotzea, eta gero makila fin batez gizagaixoen bizkar eta ipurdi masailetan jotzea odola isuri arte. Odolak gure bekatuak garbitzen ditu! – errepikatzen zuen, behin eta berriz. Ulergarria zen, beraz, ekialdeko barrutiko apaizgai guztiek Aita Pontzianori zioten beldurra. Ate aurrean, sartzekotan zeudela, Aita Pontziano honela zuzendu zitzaien gure lau lagunei: - Zuetako batek Jaungoikoaren izena iraindu du hitz zatarrez. Antikristo halakoa! Nor izan da? Lau lagunetako inork ez zuen txintik ere esan, eta burumakur gelditu ziren atetzarraren aitzinean. Orduan, Aita Pontzianok, biziki haserreturik, infernuaren iragarpena egin zien: - Ongi da, ongi da. Ez badidazue bekatariaren izena eman nahi, lauek ordainduko duzue larrutik. Gero,zazpietan, hau da, afaldu ondoren nire bulegoan ikusi nahi zaituztet. Ulertu al didazue? - Bai jauna! triste batez erantzun zioten lau gazteek. Lau apaizgaiak garbitu eta txukundu ondoren, apaizgaitegiko jangelara joan ziren. Jangela zabala eta iluna zen. Leiho gutxi zeuden eta zeuden urriak aski txiki eta estuak ziren. Hormetan eta mahaietan ezarrita zeuden argimutilak ziren argitasun-iturri bakarrak. Jangelak gurutze baten itxura zuen. Erdigunean sukaldea zegoen bere sutondo handiekin, eta lau besoetan apaizgaiak eta apaiz-maisuak, lau barrutitan egindako banaketari jarraiki, esertzen ziren mahai luze-zabalak. Ekialdeko barrutiari zegokion gurutze besoko mahaiaren inguruan eseri ziren lau lagunak beste barrutikideekin batera; osora hogei lagun ziren. Mahaiaren buruan Aita Pontziano eta bere menpeko beste hiru apaiz-maisuak eseri ziren: Aita Bernardino, Aita Sebastian eta Aita Benito. Halako batean, apaizgaitegiko Aita Gillermo burua azaldu zen eta gurutzearen erdigunean zegoen aldaretxo gainean jarrita, otoitz santua errezatzeari ekin zion. Lau besoetako afaltiar guztiak altxatu ziren errezoaren monotonian buru-belarri murgiltzeko. Horrela eman zituzten bost bat minutu luze, eta azkenean, Aita Gillermok mahaiak bedeinkatu zituen: - Jaungoikoak eta bere ama Mariak gure jan-edanak bedeinka ditzaten. Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen. - Amen!!! – erantzun zioten afaltiar guztiek. Norbera bere jarlekuan eseri zen eta lau mahaiburuek emandako seinaleari jarraituz afaltzeari ekin zioten. - Ez zait deus sartzen! – xuxurlatu zuen Juliantxok, bere hiru lagunek entzuteko moduan. - Niri ezta ere! – ihardetsi zion Joanesek. - Ederra daukagu gero! – segitu zuen Xaturrek. - Bai afaloste ederra daukagu zain! – Erramunek baieztatu. Aita Pontzianok lau lagunak hizketan entzun zituen nonbait, eta irribarre krudela ezpainetan zeukala, hurbildu zitzaien honakoa esateko: - Jan, jan ezazue koitaduak! Bete ezazue sabela eta indarrak hartu. Jaungoikoaren izena horrela zikintzen dutenek laster jakinen baitute zer den zigor garbitzailea. Orain afal ezazue ongi, eta gero zazpietan nire bulegoan ikusi nahi zaituztet. Nik ederki zigortuko baitut zuen arteko antikristo hori. Sarri arte, beraz! Kar, kar ,kar. Eta barre ozena jaurtikiz mahaiburura itzuli zen. Gure lau lagunak isildu ziren ikaraz beterik. Inork ez zuen geroztik hitzik atera. Bihotz taupadak azkartu samarrak sentitzen zituzten, gorputz osoa dar-dar batean zeukaten, eta aurpegietan beldurraren presentzia nabari zitzaien. Zazpiak bost gutxietan mahaiburuek afaria amaitutzat eman zuten: - Gaurko afaria bukatu da. Orain denok ohera. Ez ahantzi errezo santua egiten eta gaueko orduetan haragiak sentitzen duen tentazioa irmotasunez baztertu. Deabrua beti ibiltzen da gure artean bekatuaren hazia erein nahian, baina horren aurrean kristau onak badaki nola jokatu behar duen: tinko eta estu. Jauna zuekin! - Eta zure espirituarekin! – erantzun zioten afaldu berri guztiek. Ondoren, apaizgai guztiak talde txikitan banaturik, euren logeletarantz abiatu ziren, guztiak gure lau apaizgai gizagaixoak izan ezik, hauek deus esan barik, Aita Pontzianoren bulegorantz, edo tortura-gelarantz hobeto esanda, abiatu baitziren. Atean apaiz-maisu burua esperoan zeukaten. - Fite, fite, alfer horiek! Galtzeko denborarik ez daukagu-eta! Lau mutilak gelara isilik-misilik sartu ziren eta txoko batean jarri ziren ahoa zabaldu gabe. Beraien zain zeuden ekialdeko barrutiko beste hiru apaiz-maisuak. Aita Pontzianok atea indarrez hertsi zuen eta ondoren ongitxo giltzatu. Gero lau apaizgaiei honela zuzendu zitzaien: - Hemen zaudete gure Jainko handiaren izen ona lohitzeagatik. Jakin jakinen duzue hori oso bekatu larria dela, mortala, eta ez bada garbitzen, infernuko garretan kiskaliko zaretela betiko, bai zuen gorputzak eta baita zuen arima gaixoak ere. Mutilek ez zioten deus erantzun, eta lurrera begira jasan zuten apaiz-maisu buruaren erretolika gaiztoa. - Eskerrak gu hemen gaituzuela! – segitu zuen Aita Pontzianok larderia handiz--- eta beti prest gaudela zuen gorputz-arimen salbazioaren alde egiteko. Gaurkoa gogorra izanen da guztiontzat, bai zuentzat eta bai guretzat, baina Jainkoa lagun, jakinen dugu jasaten, eta zuen arteko antikristo ezkutu horrek merezi duen bezala zigortzen. Ordurako lau apaiz-maisuen eskuetan flagelatzeko erabiltzen zuten makila fin bana zegoen. Lau gazteak errotik dardarez ziren. Halako batean, Aita Pontzianok hasteko agindua eman zuen: - Aita Bernardino, Aita Sebastian, Aita Benito, egin ezazue egin beharrekoa. Biluztu ezazue bekatari bana – sabaitik zintzilik zeuden sokak seinalatuz--- eta lotu itzazue eskumuturretatik! Gero Juliantxo Aoiz tafallarra lepotik helduz, honela gehitu zuen: - Utz iezadazue bekataririk handiena niretzat, nik eramanen baitut bide onetik. Lau apaiz-maisuek mutilak biluztu zituzten eta gero sabaiko soka banatan lotu. Aita Pontziano izan zen lehena Juliantxoren bizkarrean eta ipurdi masailetan jotzen, eta ondoren beste hiruek segitu zioten jarduera berean. Eta horrela, jo eta jo, hogei bat minutuz aritu ziren, apaizgaien atzeko aldeak odolaren gorritasunaz tindatu arte. Zigorra aski zelakoan Aita Pontzianok lau gazteak askatzeko agindua eman zuen: - Aski da, aski da! Aska itzazue! Eta gero lau mutilei zuzenduz: - Eta zuek, berriz, orain arimaz garbirik zaudete. Jantzi zaitezte lehenbailehen, senda itzazue zuen zauriak eta ohatzera erretiratu. Zinez, espero dut orain bezain garbi jarraituko duzuela denbora luze batez. - Bai jauna! – erantzun zioten lau apaizgai gazteek. Gero, zaurien odola ahal bezala xukatu, arropak jantzi eta euren lo-ganberara erretiratu ziren. - Gizon hau deabru bera da! – esan zuen Xaturrek. - Deabrua ez, antikristo berbera! – gehitu zuen Juliantxok. Gau hartan nekez egin zuten lo gure lau lagunek, bizkarreko zauriek ez baitzieten atsedenik ematen. Tarteka oinazezko hasperenak ilkitzen zitzaizkien. Gaueko ordu ttikietan garrasi lazgarria entzun zen ekialdeko barrutian. Apaizgai guztiak, erdi biluzik, zeuden bezala altxatu ziren eta garrasiaren peskizan hasi. Garrasia Aita Bernardinoren gelatik aterea zen antza. Aita Pontzianok gelako atea zabaldu eta bertan ikusi ahal izan zuten Aita Bernardino, lepoa odoldurik, gorpu eginik. - Lepoa moztu diote! Lepoa moztu diote! Eneee! – errepikatzen zuten bertan zeuden apaiz-maisu eta apaizgai guztiek. Hurrengo egunean, hileta egin zioten apaizgaitegiko kaperan. Azken agurra eman aurretik, Aita Gillermo buruak hitza hartu zuen: - Senideok Jesusen fedean, hilketa lazgarriak bildu gaitu gaur hemen denok. Esku hiltzaile batek Aita Bernardinoren bizitza moztu baitu. Dagoenekoz, zeruan izanen da Jaungoikoaren eta santu guztiekin batera. Baina guk, hemen gaudenok, ezin dugu horrela gelditu eta gure senidearen hiltzailearekin justizia egin beharra daukagu.Horixe izanen da hemendik aurrera gure xede nagusia,hau da, hiltzailea aurkitzea eta justizia egitea. - Ziur antikristoa izan dela! – esan zien belarrira Juliantxok beste hiru lagunei.Hiru gazteek buruaz baieztatu zuten tafallarrak azaldutakoa. Gau hartan denak beldur handiz oheratu ziren. Gaua arazorik gabe iragan zen. Gosaltzeko orduan den-denak jangelan bildu ziren, den-denak Aita Sebastian salbu. Apaiz-maisu hori puntu-puntuan ibiltzen zen beti, horregatik denak zur eta lur gelditu ziren azaltzen ez zela ikustean. Aita Gillermok bere gelara bila joan zitezen agindu zuen, eta bertan topatu zuten urkatuta, sabaiko haga batetik zintzilik. Egun berean, bere hileta egin zuten apaizgaitegiko kaperan, eta bezperan bezala, Aita Gillermo apaiz-buruak hiltzailea xerkatzeko eta zigortzeko xede fermua agertu zuen. Gure lau apaizgai gazteren artean, zurrumurru bera entzun zen: - Antikristoa izan da! Hirugarren gauean inork ezin izan zuen lo egin, eta izaren (5) arteko orduak luze, oso luze, egin zitzaizkien denei. Hurrengo goizean Aita Benito topatu zuten labain zorrotz handi bat bihotzean sarturik. Hirugarren aldiz, hiletaren zeremonia errepikatu zen apaizgaitegiko kaperan, eta baita Aita Gillermoren hitzak ere, hiltzailea bilatzeko eta zigortzeko zeukan irrika handia nabarmen azalduz. Lau lagunentzat garbi zegoen nor zen hiltzailea: - Antikristoa da, dudarik ez egin! – errepikatzen baitzuten, behin eta berriro. - Erne ibil gaitezen! – gehitu zuen Erramunek--- Orain gu lauon bila etorriko baita! - Bai, arrazoia duk Erramun, orain gure bila etorriko duk! – Joanesek bere baitan sentitzen zuen ikara gainezka sumatuz. - Zerbait egin beharko dugu, bada! – Xaturrek, galtzetan kaka eginda. - Badakit, gaur afaltzean, sukaldetik labain bana ostuko dugu, eta gero burukoaren azpian gordeko. Antikristoa guregana hurbiltzen bada, jakingo dugu tresna horiek nola erabili! – Juliantxok. Esan eta egin. Labain bana ebatsi (6) zuten eta gaua eskua labain- kirtenari helduta, eman zuten. Hirurak aldean soinuren bat entzun zuten. - Entzun al duzue soinu hori? – galde egin zuen Xaturrek, arrunt izututa. - Antikristoa da, ziur, eta gu akabatzera dator! – Joanesek, guztiz asaldatuta. - Hilen gaitu! – Erramunek. - Ez, gure burua defenditzen badugu, bederen! – Juliantxok. - Defenditu, nola?---beste hiruek batera. - Burukoaren azpian gordeta daukagun labainaz! – segitu zuen Juliantxok, bere labaina burukoaren azpitik atereaz. Inork ez zuen ahoa ireki, eta hori ikusita, Juliantxo, eskuan labaina zeramala, korridorera ilki zen. Ordu erdi beranduago itzuli zen. - Zer aurkitu duk Juliantxo? – galde egin zioten beste hiru apaizgaiek. - Deus ere ez, ez dut deus aurkitu! Hori entzun ondoren , denok ohera itzuli ziren berriro. Gau guztian ez zuten aurrekoaren antzeko soinu susmagarririk entzun. Goizeko seiak aldean, kaperako ezkila brandaka hasi zen. Apaizak eta apaizgaiak deblauki (8) iratzarri ziren. - Zer da hori? Nork jotzen du kanpaia? – Galdetzen zioten elkarri harriduraz beterik. Kanpandorrera sartu eta han ezkilari lotuta Aita Pontziano topatu zuten, hilotz (9), lepoa moztuta. Bere oinetan odolez beteriko labaina eta gutun bat zeuden. Aita Gillermo apaiz-buruak gutuna lurretik jaso eta ahots dardaratiaz ozenki irakurtzeari ekin zion bertan zeuden guzti-guztiek entzun ziezaioten: - “Ongiak irabaz dezan gaizkia ezabatu behar da, eta Jesukristo gure Jaunaren mezua zabaldu eta nagusitu dadin, antikristoari egin behar zaio aurre” Han bildutakoen artean, inork ez zuen gutunaren mezua endelegatu (10). Aita Gillermok otoitz sentikorra errezatzeari ekin zion. Segidan, bertan zeuden guztiek debozio handiz segitu zioten. Arratsaldean, denak kaperan bildu ziren Aita Pontzianoren hiletan parte hartzeko asmoz. Den-denak isilik ziren, kaperan baino gehiago kanposantuan zeudela zirudien. Elizkizunaren hondarrean Aia Gillermok hitza hartu zuen gertatuaz azalpena eman nahian: - Senideok Jesukristoren fedean, azken egun hauetako hilketak bukatu direla uste dut. Aita Pontzianoren gorpua topatu dugunez geroztik, haritik tiraka aritu naiz, hortik eta hemendik, eta dagoeneko mataza osoa askatu dudala uste dut. Isiltasunak nagusi segitu zuen, inork ez baitzuen txintik ere esan. Apaiz-buruak azalpena emateari jarraitu zion: - Denok ederki ezagutzen genuen Aita Pontzianoren eta bere hiru menpeko apaiz-maisuen artean zegoen ezin ikusia, azken hiru horiek mesfidantzaz eta bekaitzaz ikusten baitzuten euren buruaren autoritarismo zakarra. Ez, Aita Pontziano ez zen oso maitatua, eta lagunak egin beharrean, etsaiak eta arerioak egiten zituen nonahi. Aspalditik sinisten zuen antikristoa gure apaizgaitegiko lau pareten artean zebilela eta horren atzetik ibilia izan da urte luzetan. Hori dela eta, aunitzetan lagun hurkoa mespretxuz, indarkeriaz eta nagusikeria handiaz tratatzen zuen. Eta guretako askok hori ez diote sekula barkatu. Aita Bernardinok, Aita Sebastianek eta Aita Benitok ez zuten asko estimatzen, eta sarritan liskar handietan ibiliak ziren zendu berriarekin. Azkenean, bere menpeko apaizekin asperturik eta hiruetako bat antikristo berbera zelakoan, banan banan akabatzea erabaki zuen. Haatik, hilketa hauek egin ondoren, zalantza etorri zitzaion burura eta egindakoaz ahalketurik, antikristoa bera zela pentsatzera iritsi zen. Goizean irakurri dizuedan aitorkizuna idatzi zuen eta ondoren, bere gorputza kanpaiari lotu. Azkenik, bere buruaz beste egin zuen sukaldetik hartutako labain batez eztarria moztuz. Odolusten ari zelarik, indar handiz mugitu zen ezkila astinduz eta joaraziz, guztiok bere heriotzaz jabe gintezen. Gu iritsi ginenerako azken hatsa emana zuen. Hortik aurrerako guztia nik bezain ongi ezagutzen duzue. Otoiz egin dezagun Aita Pontzianoren arimaren alde, Jaungoikoak bere hilketa lazgarriak barka diezazkion, barkagarri diren neurrian. Kaperatik irtetean denak ari ziren kontu-kontari apaiz-buruak azaldutakoaz. Batzuentzat guztiz sinesgarria zen, besteentzat, berriz… Gauza da, handik aurrera hilketak amaitu zirela. Ekialdeko barrutian lau apaiz-maisu berri ezarri zituzten, Aita Koxme bihozbera buru zutela. Egunak joan egunak jin, historia lazgarri hura ahazten joan zen eta apaizgaitegian bestelako gaiek eta gertaerek eman zieten segida. Entzun dezagun orain handik urtebetera gure lau apaizgaien arteko solasaldia: - Aizue, zuek benetan uste al duzue Aita Pontzianok beste hiruak akabatu zituela eta gero bere buruaz beste egin zuela?---Joanesek. - Nik bai! – Erramunek. - Baita nik ere! – Xaturrek--- Eta hik, Juliantxo? - Ez zakiat ba. Auskalo! MENTABERRI KAPITAINA ETA NAZIAK Bigarren Mundu Gerraren garaia zen eta alemaniar naziak Lapurdiren jabeak ziren. Aliatuen erasoaldi handi baten zain zeuden eta hori dela eta, nonahi eraiki arazi zituzten bunker gotorrak. Eguna kostaldean ematen zuten largabista eskuan zutelarik. Euskaldunentzat bizitzak bere gordintasun osoan jarraitzen zuen, eta eguneroko ogia irabazi behar zenez, gerraren gorabeherak ahazturik ohiko jardueretan aritzen ziren. Arrats hartan portu aurreko Balea izeneko ostatua jendez gainezka zegoen. Barra aurrean zenbait arrantzale hizketan ari ziren. Aurrean txarroa bete ardo zeukaten. Teofilo Bentaberri kapitaina eta bere eskifaiako hiru gizon ziren. - Ixtebe, etxera afaltzera erretiratu aurretik, hoa etxez etxe eta erran gure gizonei bihar goiz goizean itsasontzian nahi ditudala. Itsasora aterako gaituk-eta. - Ongi da Mentaberri kapitaina, zuk esan bezala eginen dut. Baina alemanek ateratzen utziko al gaituzte? - Bai gizona, atzo mintzatu ninduan alemaniar komandantziako buruarekin eta ateratzeko baimena sinatu zidaan, beraz, ez diagu arazorik izanen. - Eta nola lortu duzu hori kapitaina? – Koxepe lemazainak. - Atzo gauean Bhörd komandantea gure etxera gonbidatu nian eta bapo afaldu ondoren kontrabandozko botila whisky zonbait eman nizkion. Ondoren, Kai-txoko ostatura eraman nian eta han neska eder batzuen beso artean jarri ondoren, gaur ateratzeko baimena eskatu nioan. Ez zuan ezetz erraiteko gauza izan. - Biba kapitaina! – Koxepek, alaitasuna ezin kontuz--- Bakarra zara jauna, bakarra! - Nik dakidala beste nehor ez da bihar aterako. Itsaso ederra dago, baina alemanak aliatuen itsas erasoaldi handi baten beldur dira, eta ez daude inolako arriskurik jasateko prest. – moztu zuen Laurentx izena zuen hirugarren marinelak.. - Bai, hala duk Laurentx! – ihardetsi zion Mentaberri kapitainak--- baina kontrabandozko whiskyak eta emakume politek edonor beratu zezaketek, eta edozeinen iritzia aldatzeko moduko aitzakiak dituk. Hori esanda, Teofilo Mentaberri kapitainak sator larruzko poltsa atera zuen patrikatik eta ardoa ordaindu zion ostalerari. Ondoren, lau lagunak ostatutik irten ziren eta norberak bere etxerako bidea hartu zuen. ---------------------------- Eguna argitu gabe zegoen oraindik, eta ordurako Mentaberri eta bere gizon guztiak portuan ainguraturiko Eskual Herria arrantzuntzian zeuden. Teofilo Mentaberrik eskuan zeukan Bhörd komandanteak emandako baimena. Gizonak belak altxatzen hasi zirenerako gestapoko bi gizon, arrunt armaturik, ontzira igo ziren. Kapitainarengana hurbildu eta eskua nazien modura luzatuz agurtu zuten. - Heill Hitler! Ateratzeko baimenik ba al duzue kapitaina? - Bai, hementxe daukat. – Eta deus gehiago erran gabe, sakelatik baimena atera eta gestapoko gizonetako baten eskuan jarri zuen. Horrek alemaneraz idatzitako testua lasai irakurri zuen eta gero komandantziako komandantearen sinadura eta zigilua egiazkoak zirela ziurtatu ondoren, bere adostasuna adierazi zion. - Bai, ongi dago. Atera zaitezkete. Agur! Gestapokoak aldendu bezain laster, itsasoratzeari ekin zioten. Gizonak poz-pozik zihoazen sosa zenbait poltsikoratuko zutelakoan. Ordubeteko bidea egin ondoren Mentaberrik gelditzeko eta sareak botatzeko agindua eman zuen. Bertan eman zuten ia egun osoa. Arratserako arrantza izugarri ona zeukaten ontzi gainean. Sareak jasotzeari ekin zioten. Arrantzaleek itsasontziaren gainean jira-biraka zebiltzan kaioak baino alaiagoak ziruditen. Branka aldean lanean ari zen marinel zahar baten kantua denon belarrietara sartzen zen bere kresal usainaz zipriztinduz. - Itsasoa laino dago Baionako barraraino Nik zu zaitut maiteago arraintxuak ura baino, nik zu zaitut maiteago txoriak bere umeak baino. Hendaiako itsas kabi marinelen laket-toki, Hendaiako itsas kabi arrantzaleen bizitoki. Bat-batean urpekuntzi handi bat atera zen itsasoaren sakontasunetik eta aurrez aurre jarri zitzaien. . Arrantzaleek, asaldatuta, itsasotik ateratako munstro modernoari begiratzen zioten izu handiz. Ikaragarri handia zen. Dorre moduko batean nazien esbastika ikus zezaketen. Halako batean goiko aldeko sabaian zeukan leiho modukoa zabaldu zen eta bertatik bospasei gizon irten ziren. Erdian kapitaina zirudiena zegoen eta ezker-eskuin beste gizonak esbastikez josiriko kasko naziekin eta metraileta eskuan. Kapitaina ematen zuenak bozgorailu moduko bat eraman zuen ahora eta horrela frantses txar batez mintzatzen hasi zitzaien. - Heill Hitler! Nor da zuen kapitaina? Mentaberrik, oso frantses gutxi zekienez, ulertzeko zailtasunak zituen. - Ni, ni naiz kapitaina! – erantzun zion frantsesetik ezer gutxi zuen erantzuna emanez. Kapitain alemaniarrak galdezka jarraitu zuen. - Eta zuek zer zarete, germanofilo ala anglofilo? Oraingo galdera gehiegizkoa zen Mentaberri kapitainarentzat. Alabaina, zerbait ulertu zuelakoan, horrela erantzun zion: - Ni, Teofilo!! ! KONTRABANDISTA ETA KARABINEROA Euskal Herri zatitu eta ukatu honetan badira mugarekin eta kontrabandoarekin loturiko makina bat istorio. Horietako bat orain segidan kontatuko dizuedana. Joan den mendeko hogeita hamarreko hamarkadan mendizorriek Iparraldera zeramaten bide guztiak kontrolatzen zituzten arren, baziren kontrabandoan aritzen ziren lagun ugari, bai Pirineoaren alde batean zein bestean; eta arrotzek ezarritako sasi-muga familia askoren diru-iturri bilakatu zen. Txominek horretan jarduten zuen. Goizero, lehen argi izpiekin batera, bizikleta hartu eta hor abiatzen zen bizi zen Nafarroako Bera herritik, Ibardineko lepotik barrena, Lapurdiko Urruña aldera. Eta arratsaldero, bide bera eginez baina alderantziz, hau da, Urruñatik Berara, muga zeharkatuz bere etxera itzultzen zen. Bidean zeuden karabineroek egunero gelditu eta miatzen zuten, baina alferrik beti, inoiz ez baitzioten deus aurkitzen. Karabineroen buru zen Andres Sanchez sarjentuak sobera ezagutzen zuen Txomin Irazoki beratarraren jarduera, baina horretan buru-belarri saiatu arren, inoiz ez zuen kontrabandoa esku artean harrapatu. Egunero bi aldiz geldiarazi eta miatu egiten zuten, goizero Lapurdira pasatzean, eta arratsaldero Nafarroara itzultzean. Eta beti, ezer topatu gabe, joaten utzi behar izaten zuten. - Madarikatua, nik bazekiat zertan ari haizen, eta egun batean, berandu baino lehen, nire eskuetan eroriko haiz! Harrapatuko haut eta orduan jakinen diagu zer pasatzen duan! – pentsatzen zuen horrelakoetan karabineroen sarjentuak. Baina egunak joan eta egunak etorri egoerak berean jarraitzen zuen. Txominek egunero, bere txirrinduaz, muga zeharkatzen zuen, Andres Sanchez sarjentu saiatuaren agindupeko gizonen miaketa jasan ondoren. Hogeita hamaseian piztutako zorigaiztoko gerrak egoera arruntean aldatu zuen. Erreketeak Beran sartu ziren herritarrak sarraskituz eta presondegiak era guztietako jendeaz betez. Doneztebeko ziega batean Txomin Irazoki kontrabandista eta Andres Sanchez sarjentua topatu ziren. Gaua zen eta goizeko lehen orduetan fusilatu behar zituzten beste aunitz herritarrekin batera. Hil aurreko oren luze haiek bien arteko solasa erraztu zuten. - Aizak Txomin, hi zergatik hago hemen? – karabineroak bien arteko isiltasuna urratuz. - Eusko Abertzale Ekintzakoekin ibilia naizelako. Badakik abertzalea nauk-eta. Eta hi, karabinero izaki, nola hago hemen, ziega honetan? - Errepublikaren alde egin dudalako, horixe duk nire bekatu bakarra. - Hi karabinero eta ni abertzale, gauza duk bihar goizean biok elkarrekin fusilatuko gaituztela! – Txominek, arras etsiturik. - Bai gizona, oraintxe erran duk egia. Hainbertze kontu eta hainbertze komeria eta azkenean, biok pareta beraren kontra hil behar! – sarjentuak. - Hauek ez ditek barkatzen, eta ez zekitek zer den gupida! – beratarrak. - Bai, gureak egin dik! – karabineroak, ahots itzaliaz. - Aizak Txomin! – sarjentuak, berriro ere--- Barkatuko duk nire atrebentzia, baina hil aurretik galdera bat egin nahiko niake. - Aurrera gizona, aurrera! Galde ezak nahi duan guztia! - Hi egunero pasatzen hintzen Ibardinetik barrena, hire bizikletaren gainean, eta nahiz eta nik kontrabandoan aritzen hintzela sobera jakin, inoiz ezin izan nian deus harrapatu. Zer pasatzen huen beste aldera? – sarjentuak jakin-minez. Beratarra zenbait minutuz isildu zen, aitorpenaren beldur edo, baina hilzoriko une haietan bere sekretua gordetzeak ezer gutxirako balio ez zuelakoan, garbi erantzutea deliberatu zuen. - Bizikletak gizona, bizikletak pasatzen nitian!! ! ------------------------------------------ Baina, gure bi gizonen zorionerako historia ez zen hurrengo goizean amaitu. Goiz-goizean, ziegako atea zabaldu zutelarik, kartzelariak sei izen oihukatu zituen, ondoren bere sikarioek gizagaixo haiek hartu eta fusilatzera eraman zituzten. Sei haien artean ez ziren ez Txomin kontrabandista eta ez Andres Sanchez karabineroa. Zigorra aldatu zieten nolabait, eta biak langileen batailoietara, lan behartuak egitera, bidali zituzten. Zortzi urte beranduago libratu eta euren etxeetara itzuli ziren. DEABRUA TEILATU GAINEAN XIX. mendearen bukaera aldean Jaizkibel mendian, Guadalupeko gotorlekutik hurbil zegoen baserri batean Ameriketatik etorritako osaba indianoa hartzen zuten. Familia osoa baserriaren atarian zegoen, osaba etorri berriari harrera egiten, etxekoandre alarguna eta lau seme-alabak. - Egun on osaba Pello, berori ezagutzeko irrikan ginen. Amak askotan kontatu digu zein gazte eta ausarta zen Ameriketara diru bila joan zenean. – ilobetako batek. - Eta hi Josetxo izango haiz, ezta? Familiaren itxura harrapatzen diat. - Bai Pello, Josetxo duk, gure semerik zaharrena. – aldamenean zegoen Ixabel etxekoandreak. - Ixabel, arreba maitea, beti bezala hago! Denbora ez al dun pasatzen hiretzat ala? - Ixo, ixo aluita, beti bezain zurikero segitzen duk. – Ixabelek, pozaren pozez. - Eta hauek – Josetxoren ondoan zeuden bi neskei eta mutil gazteari begiratuz--- Maialen, Iñaxi eta Antton izango dira, ezta? – osabak. - Zein izango dira ba, Guadalupeko apaizaren seme-alabak, ala? – Ixabelek bere nebaren hitzak moztuz. Harrera egin ondoren etxeko sukaldera sartu ziren. Ixabelek bazkari ederra zeukan prest mahai gainean. Bazkaltze bitartean kontuak eta gertaerak izan ziren nagusi. Osabak Ameriketan ikusitakoak eta bizitutakoak kontatzen zizkien hitz handiz eta imintzio handiagoz. Etxekoandreak eta lau seme-alabek aho zabalik entzuten zioten. Denak pozik zeuden, edo behintzat, horrela ziruditen, baina Pellok, hitz eta irribarreen artean, etxe hartan zerbait gertatzen zela sumatu zuen. Alabaina, goiz samar iruditu zitzaion horretaz galdetzeko, eta gerorako laga zuen. Gau hartan bere txikitako gelan egin zuen lo. Arreba Ixabelek txukun-txukuna zuen dena. Bazirudien urteak ez zirela pasa izan gela hartan, dena Ameriketara joan zenean utzi zuen bezala baitzegoen. Horman eskegita zegoen ispiluan bere burua ikusi zuen, eta orduan konturatu zen joandako urteez. Hemezortzi urterekin alde egin zuen etxe horretatik, eta orain berrogeita lau urte beranduago, berriro itzulia zen jaiotetxera. Bai, hirurogeita bi urte zituen eta hori nabarmen ikusten zen ispiluan. Urte gehiago zuen bizkar gainean, baita, Jaungoikoari esker, sosa gehiago ere poltsikoan. Ameriketan lan handia egina zen, baina horri eskerrak poltsikoa ederki betea zeukan orain. Urrutiko lurralde haietan ez zuen inoiz astirik izan nesken kontuetan pentsatzeko, eta orain beranduegi zen familia bat egiteko. Hori bai, arreba alarguna eta bere familia laguntzeko prest zegoen. Huraxe izango zen hortik aurrera, berak egiten jakin ez zuen familia. Gogoetari emana zegoela, soinu handi bat sumatu zuen bere gainean. Bazirudien norbait ari zela teilatu gainean teilekin jostatzen edo. Hura buila. Zarata bukatzen ez zenez gelatik atera zen kriseilua (4) eskuan zeramala. Korridorean Josetxo ilobarekin egin zuen topo. - Baina, Josetxo, zer gertatzen da teilatuan? - Deabrua da osaba, askotan etortzen zaigu gau aldean, eta teilatuan aritzen da jauzika eta garrasika. - Baina zer diok Josetxo? Zer deabru eta zer deabru-ondo? Momentu horretan Ixabel bere gelatik atera zen izu aurpegiaz. - Ai Pello, Pello, lehen ez diat deus kontatu hire etorrera ez iluntzeko, baina duela hilabete batetik hona deabrua etortzen hasi zaiguk eta gau aldean esnatzen. Teilatuan kolpeak, jauziak eta garrasi ozenak entzuten ziren. Beldurra zen familia haren nagusi. Pello bera kikildu zen zenbait momentutan. Baina gero, kriseilua eskuan zuela kanpo aldera atera zen teilatu gainean zebilena ikusi nahian edo. Josetxo atzetik atera zen. Ilargiaren ilun-argitan gizaki beldurgarri bat ikusi zuten, okertu samar zebilena. Begira ari zitzaizkiola ohartzean, oihuka hasi zitzaien eta halako batean teila bat jaurti zien indar handiz. Gero jauzi azkarrak eginez beraiengana hurbildu zen. Hori ikustean osaba-ilobek ihesari ekin zioten eta etxean sartuta atea itxi zuten tranka jarriz. Deabrua berriz, atean joka hasi zitzaien atea astinduz eta mugituz. Barruan, denak zeuden esnatuta ordurako, esnatuta, eta ate ondoan elkarren ondoan, besarkaturik, isilik eta kaka-kaka eginda. Azkenean, argiaren lehen printzekin batera, deabruak alde egin zuen. - Hau gaua! Oso gutxitan pasa dut bart pasa dudan beldurra! – osaba Pellok. - Horrela da osaba, horrela da. Askotan etortzen zaigu eta arrosario santua errezatzen aritzen gara denok goizaldea esnatu arte! Akiturik gaude, akiturik eta beldurturik. - Horrela ez zagok bizitzerik Pello! Egunak joan eta egunak etorri eta deabru gaizto horrek hor segitzen dik dantzan gure teilatu gainean – Ixabelek. - Baiki, horrela ezin da bizi. Zerbait egin beharko dugu – osabak--- eta Josetxo eta Anttoni begira--- badakit, gaur gauean zelatan egongo gara kanpo aldean, zuhaitzen artean, eta deabrua etxera hurbiltzen denean zaku batean sartu eta makilakadaz akabatuko dugu. Esan eta egin. Iluntzean kanpo aldeko zuhaitzen artean ezkutatu ziren hiru gizonak eta zelatan izan ziren deabruaren zain. Halako batean, etxera zihoan bidetik barrena deabruaren irudi konkortua hurbiltzen ikusi zuten. Beso luze-luzeak zituen eta ibiltzean arrastaka zeramatzan. Ez zen oso garaia, baina bai sendo eta indartsua. Etxera hurbiltzean, Pello atera zen eta zakua burutik behera sartu zion. Deabruak garrasi beldurgarrik jaurtitzen zituen, eta indarka ari zen zakutik libratu nahian. Pellok indar handiz heltzen zuen aska ez zedin. - Orain, orain! Jo ezazue, jo ezazue! – agindu zien garrasika bere bi ilobei. Bi gazteak makila dantzatzen hasi ziren indar oroz. Deabrua ez zen isiltzen eta eroaren gisa ari zen garrasika eta indarka. Bi gazteek indar handiz hebaindu (5) zuten, eta azkenean deabrua hil egin zuten.. - Goazen mutilak, zulo bat egin dezagun eta ehortzi dezagun deabru gaizto hau! – osabak. - Ez, Pello ez! – etxetik atera berria zen Ixabelek--- Ez dezazuen ehortzi, deabrua gauza baita lurretik ateratzeko eta berriro pizteko. Erre egin ezazue! - Arrazoia dun Ixabel, erre egingo dinagu! – osaba Pellok. Eta esan bezala, egin zuten. Sasiak eta egurrak bildu eta berehalaxe sua egin zuten. Bertara bota zuten deabrua gordetzen zuen zakua. Suak kiskali zuen betiko. Familia poz-pozik zegoen, txoriak baino alaiago. Akabo deabru gaiztoa! Hura bakea! Egunez lan egiten zuten eta gauez lo, azkeneko garaietan egin ezin izan zutena. Hura lasaitasuna! Hura bizimodua! Handik lauzpabost egunetara Guadalupeko gotorlekuko soldaduak baserrira hurbildu ziren. - Horiek zer, orain ere, oiloak lapurtzera al datoz? – Esan zion Ixabelek bere nebari okerrena pentsatuz. - Egun on? Ikusi al duzue egun hauetan gure tximua? – soldaduek. - Tximua, zer da hori? – Ixabelek, harrituta eta esaten zietena ezin ulertuz. - Bai, gure tximua. Lagun batzuek Afrikatik ekarri digute eta maskota gisa izan dugu orain arte. Gauero paseatzera atera egiten zen eta gero egun argitan bueltatu, baina badira lauzpabost egun itzuli gabe. Ikusi al duzue? Oharra: Istorio hau Jesus Mari Mendizabal “Bixargorri” lagunari entzundako kontakizunean oinarritzen da. ARGIAREN IKUSKATZAILEA XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan miseria handiak igaro behar izan zituzten Hegoaldeko euskaldunek. Gerra bukatu berria zen eta zapalketa basatiaz gain elikagaien urritasun gorria zegoen. Baina, hala eta guztiz ere, nolabait bizi behar, eta orduko gizon-emakumeek era guztietako martingalak eta trikimailuak eginez, aurrera egin zuten. Biziraupenaren arauak ziren nagusi garai hartako eguneroko bizimoduan. Dirurik ez zegoen gizarte hartan irudimenari ekin behar zitzaion, edo bestela izugarrikeria haietan murgildurik betiko desagertu. Dena zen zaila, den zen gaitza pobrezia hartan, baita argindarraren faktura ordaintzea ere. Elektrizitatea behar, baina ezin ordaindu, hura zen komeria, hura! Etxe guztietan kontagailu bana zegoen arren, hagitz zabalduta zegoen kontagailuan sartu aurretiko kableetan ipintzen zen tranpatxoa, eta ia etxe guztietan horrelako bat jarrita zeukaten. Argiaren konpainian arras kezkatuta zeuden zelako argi-tranpa harekin, beraren erruz euren irabaziak izugarri murrizten baitziren, eta hori zela eta inspektore edo ikuskatzaileak jarri zituzten. Haien lana zera zen, etxez etxe, abisatu gabe, ibiltzea, jendeak ezarritako tranpak harrapatzeko. Eta horrela eginki, laster hiritar askoren amets gaizto bilakatu ziren. Baina atsotitzak dioen bezala “Gaitz handiei konponbide handiak” eta herritarrek horrela egin zuten. Etxe batean ikuskatzailea sartzen ikusten zutenean, txistuka eta oihuka hasten ziren denak, tranpatxoa zuten bizilagunek, horrela oharturik, tranpa kentzeko denbora eduki zezaten. Eta azkenean, herritarren eta argi-ikuskatzaileen artean halako lehia sortu zen. Ikuskatzaile haietako bat Felixiano zen, eta Donostiako zenbait auzategitan aritzen zen. Beldurgarria zen eta biziki iaioa bere jardueran; mihi txarrek kontatzen zutenez, Amara auzoan hogei familia baino gehiago harrapatu baitzituen. Korrika mugitzen zen alde batetik bestera, eta ustekabean sartzen zen denda zein etxebizitzetan argi-tranpa ugari aurkituz. Goiz hartan etsiturik zebilen, ez baitzuen inor harrapatzen. Eguna Donostiako Alde Zaharrean eman behar zuen, enpresak ederki baitzekien bertan tranpa ugari zeudela. Bertako bizilagunak ongi prestaturik zeuden eta ikuskatzailea atari batean sartu orduko, hor hasten ziren denak oihuka bertakoak arriskuaz ohar zitezen. - Erne, badoa Felixiano! Erne, badoa Felixiano!!! – oihu egiten zuten. Oihuekin batera, era guztietako soinuak entzuten ziren, normalean zabalik izaten ziren ateak ixten eta tranpak kentzen, baita Felixianok ateetako aldabak joaz egindako hotsak ere. Danba, danba, danba!! ! Tranpa kentzeko eta kableak ongi uzteko hiruzpalau minutu inguru behar zirenez gero, hori egin bitartean inork ez zuen etxeko atea irekitzen, eta denbora tarte horretan bizilagunen oihu eta hotsek, baita Felixiano gizagaixoaren letaniek ere, etenik gabe jarraitzen zuten. - Danba, danba, danba!!! – aldabak joaz--- Ireki ezazue atea! Ireki, lapur horiek! Badakit tranpa kentzen ari zaretela! Zabaldu, zabaldu atea! Danba, danba, danba!!! – aldabak indar handiagoaz joaz. Batzuetan, etxeko gizonak etxean egon ez, eta orduan etxekoandreak hor ibiltzen ziren artega eta trakets tranpa kendu nahian, hiruzpalau minutuko lana zena dezente gehiago luzatuz. Hori gertatu zitzaion goiz hartan Anjelita gaixoari. Xerapio senarrak erakutsia zion makina aldiz trikimailu hura arin kentzeko modua, baina gauza bat da horretan lasai ederrean aritzea, eta oso bestelakoa Felixiano gaiztoa etxeko aldaba joka edukitzean sortutako presiopean. Eta horrela Anjelita gogotik ahalegindu arren, ez zuen tranpa madarikatu hura kentzea lortzen. Bitartean, Felixiano hor ari zen etxeko aldaba joka eta oihuka. - Danba, danba, danba!!! Anjelita lapurra, ireki ezazu atea! Badakit tranpa kentzen ari zarela! Zabaldu, zabaldu atea bizkor! Danba, danba, danba!! ! Azkenean, estutasunak Anjelitaren burua bizkortu zuen eta… - Ixo nazkante hori, ixo! Txukuntzen ari naiz eta biluzik nago. Zer nahi duzu, piura honetan nagoela zuri atea zabaltzea ala? Utzidazu denbora jantzi nadin! Felixianok ez zuen Anjelitak esandakoa sinistu, baina eskaileretan biltzen hasita zeuden bizilagunak ikusita, kikiltzen hasia zen eta bada ezpada ere, ez zuen oihu gehiago egin, ezta aldaba gehiago jo egin ere. Bizilagunek, berriz, inguratu egin zuten eta bultzaka hasi zitzaizkion. - Felixiano txerria, utz ezak Anjelita bakean. Zer nahi duk, larru bizitan ikusi, ala? Lizun lotsagabe hori! Hamar minutu inguru pasa ondoren, Anjelitak tranpa kendu ahal izan zuen, eta burua harraskako kanilaren azpian sartuz ilea busti zuen; gero biluztu zen eta xukadera bat jarri zuen gorputzaren buelta osoa estaliz, eta bigarren xukadera bat buruan, durbante modura ezarri. Gisa horretan ireki zion bere etxeko atea Felixiano inspektoreari. - Hau presa gizona! – planta eginez--- Zu ez al zara txukuntzen? Ez dago eskubiderik! Etxean ere, ezin dugu biluztu! Hau komeria, hau! Felixianok ez zuen txintik ere esan. Etxera sartu eta zuzen-zuzenean sukaldera abiatu zen, freskeraren alde batean kokaturiko kontagailua aztertzera. Baina berandu samar zen, ordurako Anjelitak tranpa kenduta eta ederki jasoa baitzuen. Amorruaren amorruz eta agurtu gabe, Felixianok alde egin zuen etxe hartatik. Kalean gora, kalean behera zebilela, espartin-denda baten aurrean pasatzen ari zela, bertako nagusia eta mutikoa hizketan entzun zituen: - Patxi, kendu ezak tranpa! - Bai nagusi, berehalaxe! Huraxe zen Felixianok zorigaiztoko goiz hartan bilatzen zuen aukera, eta gehiago pentsatu gabe, atea bultzatu eta tximista bezain laster, espartin-dendara sartu zen. - Lapurrak! Harrapatu zaituztet! Inork ez zion erantzunik eman, eta bertakoen aurpegien harriduraz ohartu gabe, mutikoa zihoan gelara sartu zen eroaren gisa. - Baina, baina…! – esan zuen mutikoak, gehiago esateko denborarik gabe, momentu berean Felixianoren garrasi lazgarriak denon isiltasuna urratu baitzuen--- Aaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaa!!!! Eta segidan zartako handi baten soinua: danbaaa!!! Gero… - Ai, ai, ai! Hau da, hau! Lagundu mesedez! Lagundu! Ezin naiz mugitu ere egin. Gorputzaren hezur guztiak hautsi zaizkit! Ai, ai, ai! Lagundu! Nagusia eta mutikoa gelara sartu ziren eta argia piztu. Orduan ikusi zuten Felixiano gizagaixoa biltoki gisa erabiltzen zuten bi metro sakon zituen tranpa-zuloan luze erorita eta aieneka. - Ai ama, ai ama! Hau mina! Niri gertatu behar! Ai ama, ai ama! Atera nazazue zulo honetatik! ------------------------------------------------ Nagusia eta mutikoaren artean, Felixiano zulotik atera eta ospitalera eraman zuten. Bertan denbora luze egin zuen hautsitako saihets guztiak osatzeko. Azkenean, sendatu eta ospitaletik atera zenerako, gizon hura ez zen garai bateko Felixiano azkar eta lasterra, erdi herrena geratu baitzen, eta hori zela eta, argindarraren enpresatik bidali zuten. Orduz geroztik, hil arteko urteak Donostiako Alderdi-Ederren pirulinak saltzen eman zituen. Lasaitasun ederra hartu zuten garaiko donostiarrek! JOXE BAZTANDARRA MADRILERAKO TRENEAN Joxe Azpilikueta baztandarra zen, Elizondokoa. Baziren sei hilabete alargundua zela eta bi alaben aita zen. Mari Karmen zaharrena Donostiara ezkondua zen eta hiru seme-alaben ama zen, eta bigarrena, Edurne, beste baztandar batekin ezkondua zegoen eta bi mutikoren ama zen. Honen senarraren enpresak Madrilen jendea behar zuela eta, harantz joateko eskaintza egin zion, eta onuragarria iruditu zitzaionez gero, hango bazterrera joanak ziren guztiak denbora batez bizitzera. Azkeneko sei hilabeteetan, Joxe bakarrik bizi izan zen Elizondoko bere etxean. Goizean mendira joaten zen pasioa egitera, arratsaldean lo kuluxka, eta arratsean herriko ostatuz ostatu ibiltzen zen bere lagunekin zenbait basoerdi edanez. Joxe bapo bizi zen, ez zen kexu. Emaztea bizi izan zen bitartean, alabak eta bere familiak Eguberritako bestak igarotzera Elizondora hurbiltzen ziren, baina urte hura ezberdina zen, Elizondoko etxean aitatxi bakarrik bizi baitzen. Hori dela eta, bi alabek honela erabaki zuten. Aita Donostiara joanen zen Olentzero Gaua eta Eguberri Eguna pasatzera, eta bertako trena hartuta gero, Madrilera joanen zen Urte Zaharra eta Urteberria igarotzera. Eguberriak iritsi zirelarik, horrela egin zuen Joxe gureak. Maleta prestatu eta autobusez Donostiaraino abiatu zen. Amarako bus-geltokira iritsi zenerako han zituen alaba, suhia eta hiru bilobak zain. Hura poza hango familia berriro ikustean! Joxe poz-pozik jaitsi zen eta musuz eta besarkadaz agurtu zuten elkar. Mikeltxo eta Fermintxo bilobek maleta hartu zioten eta arrastaka, ahal zuten moduan, zeramaten. Ainara ttikiak, berriz, eskutik helduta zeraman aitatxi. Aste ezin hobea eman zuen Donostian. Bere bilobekin batera Olentzero etortzen ikusi zuen eta Gabon Gau eta Eguberri Egun ederrak eta zoriontsuak pasatu zituen, xanpainaz eta turroiaz gainezka. Inozenteen egunean, hau da, abenduaren 28an, trena hartu zuen Donostiako geltokian. Mari Karmen alabak bere bagoiraino eraman zuen eta Joxe Mari suhiak maleta bere eserleku gaineko apalean ezarri zion. Ondoren, treneko leihatilatik ikusi zituen bere alaba, suhia eta bilobatxoak distantzian urruntzen. Ainarak zapi zuria astintzen zuen etengabeki agur gisa. Familia begi bistatik galtzean bere eserlekura joan zen. Bagoira sartzean, ezker-eskuin begiratu zuen eta dena leporaino beteta zegoela ikusi. Bere tokia ate ondokoa zen. Leiho ondoko jarlekuan andre sendo lodikote bat zegoen, dotore-dotore jantzita. Erdi markesa horietakoa iruditu zitzaion. Eta erdiko eserlekuan, hau da markesa dotorearen eta Joxeren arteko jarlekuan, aurrekoaren senarra zirudiena.Aurrez aurreko eserlekuetan andre gazte polit bat eta bere bi alabatxo. Esertzera zihoala neskatila horietako batek, barrea ezin kontuz, Joxe ohartu zuen: - Jauna, bizkarrean paperezko panpinatxo bat daramazu! Ka, kar,kar! – bi neskatoak batera algara handiz. - Ixo, ixo! – beraien ama lotsaz gainezka, eta bere alabatxoen lotsagabekeria nola konpondu ez zekiela. Joxek, ez zuen txintik ere esan. Eskuineko eskua bizkarrera eraman zuen eta panpina hartu. Bertan bere bilobetako batek idatziriko mezua irakurri zuen: Munduko aitatxi jatorrena zara. Aunitz maite zaitugu. Irribarre alegera marraztu zen baztandarraren aurpegian. Gero bere jarlekuaren goxoan babestu zen. Trena aurrera zihoan abiadura handiz. Denbora, berriz, lasai. Joxek urduritasun handiz begiratzen zion erlojuari. Orratzak poliki-poliki mugitzen zitzaizkion. Joxerentzat hura zen munduko azken muturrerako bidaia. Han ezin zuen deus egin, eserita egon eta gogoetei ekitea ez bazen. Trenak, mugitzean, doinu aspergarria egiten zuen: ttuku-ttuku-ttuku-ttuku! Loak hartzen zuen tarteka, baina hura ez zen Elizondoko bere ohatzea, eta ezin zuen kuluxka gustura egin. Horietako batean, trenak, ohikoa baino astindu handigoa egin zuela iruditu zitzaion, begiak zabaldu eta hantxe ikusi zuen bere maleta goiko apalean kulunka, azpiko bidaideak, hau da, markesa eta bere senarra mehatxatuz. Arrunt asaldaturik Joxe altxatu egin zen, eta maleta ongi ezartzeari ekin zion. Maniobra horretan ari zela, markesaren oina zanpatu zuen nahigabean. Joxe ez zen deusetaz ohartu emakumearen garrasia entzun arte: - ¡Aiiiiiiiiiii! ¡Asesino! (Hiltzaile halakoa!) Joxe ikaraturik, barkazioa eskatzen ahalegindu zen bere erdara txarrean: - Ustes perdone. No haber hecho queriendo. (Barka iezadazu, ez dut nahita egin) Baina emakumeak zakar jarraitu zuen: - Y además vasco. Ya me parecía a mí que un criminal de sus características no podía ser de otro lugar. (Eta gainera euskalduna! Zu bezalako hiltzailea, nahita nahi ez, euskaldun izan behar) Senarra zirudienak heziketa handiz moztu zuen: - Margarita, no seas grosera. Este señor no te ha pisado a posta. Y el que sea vasco o cosaco no tiene nada que ver con su talante. Deberías disculparte. (Margarita, ez izan gaiztoa, gizon honek ez zaitu nahita zanpatu. Eta zuri zer axola euskalduna edo kosakoa den.Barkamena eskatu beharko zenioke) Emakume dotore ahobeltzak ez zion kasu handirik egin, eta mespretxuzko aurpegia jarriz, burua okertu eta leihatilatik begira jarri zen. Joxe gaixoa, zer esan eta zer egin ez zekiela, bere jarlekuan eseri zen. Orduan markesaren senarra barkaziozko hitzez desenkusatu zen: - Usted perdone. Mi mujer tiene un carácter muy fuerte y no está acostumbrada a pedir disculpas. Le ruego acepte las mías. (Barka ezazu. Nire emaztea oso izaera gogorrekoa da eta ez dago batere ohituta barkamena eskatzen. Barka iezaguzu mesedez!) - No preocuparse. La culpa ser mía por dar pisotón. Barkatu niri! (Ez zaitez kezkatu gizona, errua nirea izan da-eta. Barka iezadazue niri!) ---Joxek, lotsaren lotsaz. Trenak aurrera zihoan. Ttuku-ttuku-ttuku-ttuku-ttuku! Joxe lehen baino aspertuago zegoen. Ez zen gauza begiak ixteko, beti goian zeraman maletari begira. Handik ordubetera edo, beste astindu bortitz batek maletaren oreka arriskuan jarri zuen. - Ene, berriro maleta zikin hori! – bota zuen Joxek, azkar mugituz eta maleta apalean ziurtatuz. Hori eginda, bere eserlekura itzultzen ari zela, trenaren astindu batek oreka galarazi eta markesa muturluzearen gainera bota zuen. Haren garrasiak! - ¡Asqueroso! ¿Ahora qué quiere, darme una paliza o qué? Sepa que tengo un hijo guardia civil en el cuartel de Intxaurrondo, y que está harto de vascos terroristas como usted. (Nazkagarri halakoa! Orain hebaindu nahi nauzu ala?Jakin ezazu nire semeetako bat guardia zibila dela Intxaurrondoko kuartelean, eta zu bezalako euskaldun terroristez nazka-nazka eginda dagoela) - Barkatu, barkatu señora! ¡No haser queriendo! (Barka iezadazu andrea,ez dut nahita egin) – Joxek, arrunt lotsatuta. - Margarita, no empieces. Siempre estás igual, con los vascos por que son vascos y con los madrileños por que son madrileños. Tienes que suavizar tu carácter. Siempre te digo lo mismo. (Ez hasi Margarita. Denekin daukazu zer edo zer, euskaldunekin, madrildarrekin… Zure izaera gogor hori leundu beharra daukazu. Beti esaten dizut gauza bera) – senarrak, bakea egin nahian. - No digas tonterías, Toribio. Esos que dices que son madrileños y con los cuales me meto, no son tales, sino catalanes disfrazados pidiendo un nuevo estatut (Ez ezazu txorakeriarik esan Toribio. Zuk aipatzen dituzun madrildar horiek ez dira horrelakoak, estatut berria aldarrikatzen duten katalan mozorrotuak baizik)--- emakumeak, bere baitatik guztiz aterata. Handik bost minutura, isiltasuna zen nagusi bagoian. Norberak bere esparrura begiratzen zuen. Markesa hezigabeak leihatilara, senarrak Joxeri, Joxek, txandaka, lurrera bere burua nonbait gorde nahian eta goiko apalera, maleta madarikatua zegoen lekura. Aurreko ama gazteak bere aldeko leihatilara, eta bi neskato gazteek Joxeri irribarre maltzurrez. Trena aurrera zihoan ttuku-ttuku-ttuku-ttuku luzea eginez. Astindu berri batek maleta malapartatua lurrera bota zuen soinu handia altxatuz. Markesak jauzi handia eman zuen bere jarlekuan eta gero garrasi ikaragarria jaurti: - ¡Aiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiii! ¡Una bomba, nos han puesto una bomba! (Ene, lehergailu bat jarri digute!) Joxe, larrituta oso, lurrean zabalduta zituen galtzontziloak eta galtzerdiak jasotzeari ekin zion. - Barkatu, barkatu, ha sido la trena la que ha tirado la maleta. (Barkatu, barkatu, maleta trenak bota du) – errepikatzen zuen, behin eta berriro, emakume txoro haren erretolikak eragotzi nahian, eta emakumearen oinen artean zegoen alkandora jasotzean honela esan zion: Perdone si le hago embarazo, pero no ser mi culpa. (Barka iezadazu enbarazu egiten badizut andrea, baina ez da nire errua) Hori entzutean, emakume piztia altxatu zen bere jarlekutik eta bere poltsa astinduz zartako ederrak eman zizkion bai buruan eta bai bizkarrean baztandar gizajoari. Asqueroso, primero me ataca y ahora encima me quiere violar. Toribio, haz algo; no te quedes ahí quieto mientras fuerzan a tu mujer. (Nazkagarri, lehendabizi jo egin nauzu eta orain bortxatu egin nahi nauzu. Toribio, mugi zaitez eta defenda nazazu. Ez zaitez geldirik egon zure emaztea bortxatzen duten bitartean) Ordu erdi beranduago trena Madrileko geltokira sartu zen. Hantxe bertan zeuzkan Joxek Edurne alaba, Pello suhia eta Iker eta Hodei bilobatxoak. Maleta korrika hartu eta bagoian gelditzen ziren beste guztiez agurtu gabe, jauzi batean jaitsi zen. Han dena ziren musuak eta besarkadak. Alabak honela galdetu zion: - Aitte, zer moduz trenean? Eta Joxek bidaian gertaturiko guztia ahantzi nahian erantzun: Ongi da, ongi da Edurne, baina hurrengoan Elizondon utzi dudan asto gainean etorriko naiz! APAIZ PILOTARIEN MARTINGALA - Aizak, Iker, igandean partida izanen diagu, baina urruti samar! Apaiz euskaldun batek Landetako herri batetik dei egin zidak eta bertako festak izango direnez gero, bertan urtero egiten duten pilota-partida jokatzera joateko gonbidatu gaitik. Berrogeita hamarna euro ordainduko zigutek eta bazkaria. Zer iruditzen? Nik, dagoenekoz, baietz erran zioat. - Ongi egin duk Unai. Paseo polita eginen diagu eta gero partida galanta. Eta aurkariak? Zein izanen dira aurkariak? - Deitu duen apaiza, hau duk, Landetako herri horretan erretore dabilen Aita Etxeberri azkaindarra, eta aldameneko herrian erretore den Aita Goietxe garaztarra. Biak gaztetan pilotari ibili dituk, eta bazirudik oraindik tarteka aritzen direla. - Ongi zegok. Eta hik ba al dakik urrutiko herri horretara joaten? - Bai mutil, herriaren izena arraro samarra duk, baina papertxo batean apuntatu diat. Akize aldean omen zegok. Autobidea zuzen-zuzenean hartuko diagu eta maparen laguntzaz bertaraino iritsiko gaituk. Galtzerik ez zegok motel! - Ongi, ongi Unai. Igandean Akize aldera joanen gaituk. - Aizak Iker, ez ezak bezperan parrandarik egin! Aurrekoan gau-pasa eginda azaldu hintzen eta pasada ederra eman zigutean. Mesedez, larunbatean parrandarik ez! - Horrek kezkatzen al hau? Ba, horregatik baduk, lasai ibili gizona, larunbatean ez diat inolako parrandarik egingo. Etxean, gurasoekin goxo-goxo afaldu eta gero ohatzera. Igandean partida ederra egingo diagu apaiz pare horren aurka. Hitz ematen diat. - Ederki! Han goizeko hamarretarako egon behar diagu, partida hamaika eta erdietan izanen baita. Beraz, goizeko zazpietan hire etxean hartuko haut. Igandera arte Iker! - Bai Unai, erran bezala, igandera arte! ------------------------------------ Igandea ederra eta argitsua etorri zen, eta aurrekoan erran bezala, Unai, bere auto dotorean, Ikerren etxerantz abiatu zen lagunaren bila. Iker etxeko atarian zegoen poltsa eskuan zuela. Aldamenean amatxi zegoen. - Egun on Unai, puntu-puntuan etorri haiz! - Bai, gaurko bidea ez diat nehoiz egin, eta bada ezpada ere, erlojuari begiratu beharko zioagu. Fresko samara ikusten haut. Bart zer, parrandarik egin al duk? - Ez gizona! – moztu zuen amonak--- Atzo zintzo-zintzo joan zuan ohera. Gaueko hamarretarako lo zerraldo zegoan. Gaur zer daukazue, gona pare bat zuen zain ala? Hagitz susmagarria iruditzen zaidak horrenbesteko zintzotasuna. - Bai, halaxe da amatxi! Berorrek erran duen bezala, bi gona ditugu zain, baina bi gona beltz. – Unaik. - Ene, hori ere badugu! – Aitarena egiten--- Alarguntsekin ez ibili gero e! Horiek zaharrak izaten dituk eta aunitz jakiten ditek, gehiegi deus onerako. Jostailu moduan erabiliko zaituztete, eta gero…, eta gero hor utziko zaituztete idor-idor eginda, mahats-patsak baino idorrago, eta gainera txanponik gabe sakelan. - Kar, kar, kar…! – bi mutilek batera barregura ezin kontuz. - Ez kezkatu amatxi, guk badakigu zer egiten dugun! – Ikerrek amonari agurtzeko, masailean musu bat ematen. - Agur, agur gazteak!!! Erne ibili gona beltz horiekin!!! – amatxik arrunt kezkatuta. ------------------------------------ Lapurditik Akizera daraman autobidea ona, zabala eta erosoa da, inongo arriskurik gabea. Bederatziak aldea zen eta zegoenekoz eguzkiak indar handiz jotzen zuen. Bi lagunak pozik zeuden eta herriko neska pertxentei buruz hizketan eman zuten ia bide osoa. Halako batean, Unaik autoa autobidetik atera eta bide estuago batetik barrena abiatu zen. - Hauxe duk irteera, mapak erran bezala. Ordu erdi batean iritsiko gaituk. – Unaik Ikerri begira. - Presta zaitezte apaiz koitaduak, kristoren egurra emanen dizuegu-eta! – Ikerrek amets ozenetan. - Kar, kar, kar…! – biak batera pozaren pozez. Hamarrak hogei gutxitan herrian sartu ziren. Ez zen biziki handia, baina bai txukuna eta lorez ondotxo apaindua. Hirurogei bat etxe inguru ziren eta erdi aldean elizako kanpandorrea nabarmentzen zen. Unaik harantz zuzendu zuen autoa, pilota-plaza elizaren ondoan izanen zelakoan. Eta ez zen erratu. Eliza herriko plazan zabal baten ertzean zegoen, udaletxea ondo-ondoan, pixka bat harantzago herriko ostatua, eta plazaren bertze ertzean frontoia. - Plaza libreko frontoi galanta, bai alajaina! – Ikerrek. Unai frontoiaren aldean zegoen aparkalekura sartu zen. - Unai, ikusi al duk ostatuaren atean jarrita zegoan afixa? - Ez! Zer jartzen zuen? - Goizeko hamaika eta erdietan pilota partida ikaragarria. Etxeberri eta Goietxe Otxague eta Urreztiren kontra, hau duk, gure kontra. - Eta? - Partida ikaragarria, ez al zaik handixkoegia iruditzen? - Ez zekiat ba motel. Bi gona beltz horiek arriskutsuak izanen dituk! – Unaik. - Azkenean amatxik arrazoia zian, gona beltzekin kontuz ibiltzeko erraten zigunean! – Ikerrek. - Kar, kar, kar…! – bi lagunek. ----------------------------------------------- Autotik jaitsi ziren eta gertu zegoen ostatura sartu. Jende mordo handia zegoen barruan. Unaik edaria eskatu zion begira zuen ostalerari eta orduan honek galde egin zion: - Zuek izanen zarete gaur apaizen kontra pilota partida jokatu behar duzuen pilotariak, ezta? - Bai, gu gara. - Ba, duela ordubete hemen izan da Aita Etxeberri, gure erretorea, eta kafea eta patxarana hartu ondoren, egunero egiten duen bezala, – badakizue euskalduna da zuek bezala--- ondoko herrira joan da bertako erretorea den Aita Goietxeren bila. Instantean hemen dira, bigarren kopaxka bat hartzeko. Ez dago erran beharrik, Aita Goietxe ere, euskalduna dela. - Bai, bistan da! – Unaik eta Ikerrek, biziki harrituta. - Begira, hortxe dira! Hor ari dira aparkatzen! – ostalerak, plaza ondoko aparkalekua seinalatuz. - Auto dotore zuri batetik berrogei urte inguruko bi gizon jaitsi ziren, biak sotana beltz luzeaz jantzirik. Eskuan poltsa handixko bana zeramaten. Euskaraz mintzatzen ziren. Bi aldiz pentsatu gabe, ostatura sartu ziren. - Egunon Jainkoak eman diezazuela! – agurtu zuten ozenki. - Baita zuei ere! – barruan zeudenek erantzun. - Giscard, atera itzak ongi betetako bi patxaran! Goizean eman didaana ez zuan oso giristinoa – Aita Etxeberrik. - Zer nahi du berorrek erran horrekin, Aita Etxeberri? Zuberoatik zuentzat propio ekarritako Bostmendieta patxarana zen, aski ona. - Bai ba Giscard, patxarana biziki ona zuan, baina kopa sobera eskasa – Aita Etxeberrik, berehala erantzunez. - Ez diot kopa osoa bete, Aita Goietxeren bila joateko autoa gidatu behar zuelako – Giscard-ek, zer esan ongi ez zekiela--- baina orain leporaino beteko diet, eta horrela bake sainduan denok. - Bete, bete itzak ongi gizona, gaur pilota partida irabazi behar diagu-eta! Ez al duk horrela Aita Goietxe! - Bai, bai, horixe! – eta ostalerari begira--- Bete iezazkiguk kopak fundamentuz, indarra eta kemena piztu behar baititugu gure baitan – Aita Goietxek. Bitartean, unai eta Iker isil-isilik zeuden, bi apaizei harridura handiz begira. - Aita Etxeberri, Aita Goietxe, hemen ondoan dituzten bi gazte hauek beraien kontra arituko direnak dira. – erran zien ostalerak apaizei, bi mutilak seinalatuz. - Egunon! – bi mutilek batera. - Egunon lagunak! Zintzo eta tenore onaz etorri zarete. Bistan da zuek ere euskaldunak zaretela! – Aita Etxeberrik, bere eserlekutik altxatuz eta bi gazteei bostekoa luzatuz. - Giscard, atera iezaiek gazte hauei patxaran kopa bana! - Ez, ez, ez! Eskerrik aunitz, baina pilota partida egin aurretik ontsalaz ez dugu ezer edaten! – Unaik eta Ikerrek, biek batera. - Hara, ez duzue gure antzik! – Aita Etxeberrik, harritu samar. Ondoren, kopa hartu, ezpainetara hurbildu, eta bi gazteei begira, tragoxka luze batez hustu zuen. Aita Goietxek gauza bera egin zuen, eta muturra sotanaren besoaz xukatu. - Hau ez da eukaristian erabiltzen dugun ardo gozoa, baina gogo onez edaten da! – bota zuen. - Goazen, goazen frontoira! – moztu zuen Aita Etxeberrik--- Presta dezagun dena jendea etorri aurretik! Ordurako hamaikak eta laurden ziren, eta jendea frontoira hurbiltzen hasita zegoen. Han denetik bazen, gazteak, helduak, zaharrak… gizonezkoak eta emakumezkoak… Eta den-denak, garai batean bezala, hau da, igandez jantzita, dotore-dotore, alegia. - Hemen bada zaletasuna, e? – bota zuen Ikerrek, jende paketa hura ikusita. - Zaletasuna, zaletasuna… zaletasun handirik ez zeukatek! Badakik, hau ez duk Euskal Herria, baina urtero etortzen dituk euren erretore maiteak pilota partida irabazten ikustera! – erantzun zion Aita Etxeberrik “apal-apal” - Begira ezak, hau duk Pierre, epaia izanen dena. Pilotaz ez zekik gauza handirik, baina nire lagun zaharra duk. – Aita Etxeberrik, berriro ere, ate aurrean zegoen gizontxo beltzaran bat aurkezten zien bitartean. Gure lagunak arrunt izututa zeuden apaiz bikote harekin, baina bada ezpada ere, ez zuten txintik ere erraten. Hori bai, elkarri egiten zizkioten begiradez, erran beharreko guztia errana zeukaten. - Eta aldagelak? – galdetu zuen Unaik. - Hortxe, eskuinetara! Zoazte, zoazte aldatzera, gu bitartean, arituko gara, eskuak pixka bat berotzen. – Aita Etxeberrik. - Baina, zuek ez al zarete zuriz jantziko? – Unaik, harriduraren harriduraz. - Ez motel, guk horrelakorik ez diagu behar. Zuek zuriz eta gu sotana beltzaz arituko gaituk, urteroko usadioari jarraiki – Aita Etxeberrik. Eta bi gazteen harridura infinituaz ohartzean, kontu kontari jarraitu zuen--- Egia errateko, gu egunero seglarrez (9) janzten gaituk, zuen antzera, baina partidetarako apaizgaitegian eman zigutean sotana beltza janzten diagu, badakik, saltsa gehiago jartzeko! – eta bi mutilak ahoa bete hortz zeudela ikustean--- Ala, tira, tira mutilak, zoazte aldatzera, partida segituan hasiko da-eta! Handik bi minutura, bi mutilak aldagelatik atera ziren alkandora eta galtza zuriz jantzita. Ordurako apaizek bazeukaten gerriko gorria jarrita. - Tori mutilak, jantzi itzazue! – Aita Goietxek gerriko urdinak emanez--- Guk irabazleen gerriko gorria jantzi diagu, urtero bezala! Kar, kar, kar! – bota zien “apal-apal” honek ere. Unaik eta Ikerrek deus erran gabe gerriko urdina jantzi zuten eta hamar bat minutuz eskuak berotu ondoren, partidarako prestatu ziren. Euren aurpegietan amorrua irakur zitekeen. - Orain ikusiko ditek oilar beltz horiek! – erran zion Ikerrek Unairi ahopeka. - Bai motel, egurra emango zieagu! – Unaik. ---------------------------------------- Hamaika eta erdietan, puntu-puntuan, partida hasi zen. Apaizek pilotari onak zirela erakutsi zuten arren, garbi zegoen ez zirela bi gazteen kontra lehiatzeko modukoak. Markagailua segituan hasi zen mugitzen bi mutilen alde. Frontoian animazio handia zegoen, txaranga bat eta guzti. Apaizek tanto bat egiten zuten guztietan txalo zaparrada handiak entzuten ziren, txarangakoek pasodobleen antzekoak jotzen zituzten eta erdi aldean eserita zegoen amatxien taldeak apaizen aldeko pankarta bat astintzen zuten. Baina, mutilek tantoa egiten zutenean, ez txalorik, ez pankartarik eta ez txarangarik, denak mutu. Hamabiak bost gutxi ziren eta markagailuak 18-6 azaltzen zuen bi pilotari gazteen alde. Horrelako batean, Unaik sekulako dejada egin zuen eta Aita Etxeberri, eroaren gisa korrika, eta sotana esku ezkerraz jasoa abiada handiagoa hartu ahal izateko, pilota jotzera abiatu zen, baina urteek ez zioten lagundu, eta blaust erori zen lurrera zalaparta handia eginez. Jendea eserlekuetatik haserre altxatu zen, askok eskuak burura zeramatzatelarik. Haserretuenak txistuka hasi zitzaizkion Unairi. Giroa gori-gori zegoen. Aita Etxeberri altxatu zen, ederki kostata, eta besoen mugimendu batez, publikoari lasaitasuna eskatu zion. Hamabiak ziren eta elizako ezkilak ozenki zabaldu zuen ordua: dalan, dalan, dalan, dalan, dalan, dalan, dalan, dalan, dalan, dalan, dalan, dalan!!! Angelusaren ordua zen. Publikoa zutitu zen burutik era guztietako bonetak kenduz. Aita Etxeberrik otoitz sainduari ekin zion ozenki. Aita Gurea errezatu ondoren, honako eskaera egin zion Zeruetako Jaunari: - O, Jaun ahalguztiduna, lagun gaitzazu Aita Goietxe eta biok, urtero egiten dugun bezalaxe, oraingo partida hau ere irabazten. Eskerrik asko Jauna. Amen! Hau entzutean, publikoak txaloaldi ozen batez erantzun zion. Unaik eta Ikerrek elkarri begiratu zioten, hura dena ezin sinetsiz. Ondoren, eta apaizek horrela eskaturik, atsedenalditxo bat egin zuten. Aita Etxeberrik Unairi deitu eta aldagelara eraman zuen berekin. - Honek partida galduta ikusi dik, eta dagoenekoz ordaina eman nahi ziguk hemendik airean bidaltzeko – pentsatu zuen Ikerrek hori ikusita. Aldagelatik atera ziren bezain pronto, berriro jokatzeari ekin zioten, baina orduz geroztik partida harrigarriro aldatzen hasi zen. Unaik ez zuen lehengoa ematen, eta akats ikaragarriak egiten zituen. Bost minutu eskasetan markagailuak 21-18 markatzen zuen apaizen alde. Apaizak harro-harro zeuden, hau da, ohikoa baino harroago, eta publikoa arrunt beroa, kantuz eta jauziz bere erretoreak animatuz. Hauek tanto bat egiten zutenean frontoia txaloz, aldeko oihuz eta musikaz gainezkatzen zen; amatxiek gero eta indar handiagoz astintzen zuten pankarta eta jende artean eserita zeuden herriko auzapezak eta zinegotziek eskuak altxatuta agurtzen zituzten. Hura zen zoramena, hura! Ikerrek ez zuen ulertzen han gertatzen ari zena. Baina zer duk? – galdetzen zion, behin eta berriro, Unairi--- baina Unaik ez zion erantzuten eta burua makurtuz partidari jarraitzen zion. Lau minutu gehiago aski izan ziren partida bukatzeko. 22-18 apaizen alde. Ikusleak, tximista bezala, altxatu ziren, eta kantxara jaitsita Aita Etxeberri eta Aita Goietxe lepo gainean altxatu eta horrela paseatu zituzten frontoian barrean bi edo hiru itzuli eginez. Alkateak kopatzar handi bat atera zuen eta irabazleei eman zien. Ondoren, gazte galtzaileei eskua luzatu zien eta sari gisa gutunazaltxo batean telefonoz hitzarturiko dirua eman zien. - Eta orain denok bazkaltzera eta gure erretoreen garaipena behar den bezala ospatzera! – alkateak bi mutilei. - Ez, eskerrik asko! Estimatua, baina oso berandu egin zaigunez gero, nahiago dugu oraintxe bertan aldatu eta gure etxe aldera abiatu !---erantzun zion Unaik. Ikerrek bitartean ez zuen ezertxo ere erraten. ------------------------------------------ Bueltako bidean zihoazela, ez batak eta ez besteak ez zuen ahoa irekitzen. Isiltasuna zen nagusi bi gazteen artean. Bidean ordubete zeramatela, Ikerrek galde egin zion Unairi: - Baina Unai, zer gertatu zaik? -Ixo, ixo motel! Oroituko haiz angelusaren ondoren, apaiz madarikatu hark berekin batera aldagelara joateko erran zidala? - Bai! …eta? – Ikerrek ezin ulertuz. - Ba orduantxe, gauzak argi eta garbi azaldu zizkidaan. Beraiek ordaintzen zigutean irabazteko. Galtzekotan ez zigutean deus pagatu behar. Ulertzen? Ikerrek ez zion ezer erantzun, ez baitzen bere harriduratik irteten. Handik ordu laurden batera…. - Unai, azkenean nire amonak arrazoia zian erne ibiltzeko erran zigunean. Gogoratzen al haiz? Kontuz ibili gona beltzekin, arriskutsuak dituk-eta! ATSO HERRENAK DABILTZ Aste Santuko oporraldia zela eta DBH-ko 4. mailan aritzen zen ikasle talde bat mendi gora zihoan. Hamalau-hamabost urte inguruko zortzi neska-mutil ziren. Institutuko estresarekin hautsi nahi omen zuten eta Gorbeia aldera zihoazen kanpatzera. Karga-karga eginda zebiltzan, beren motxila handietan denetik baitzeramaten: janaria, edariak, arropak, linternak, gasezko sutondo ttipiak, lo-zakuak, musika tresnak… Zibilizazioarekin hautsi nahi, baina bizkar gainean zibilizazioa eramanez. Goizeko ordu bat aldean erreka garbi baten ondoko zelaitxo batean dendak jartzeari ekin zioten. Dendak altxatu, gauzak antolatu eta motxiletan zeramaten otordua berotu ondoren bazkaltzeari ekin zioten lurrean zeuden zenbait harri eserleku gisa erabiliz. Denon isiltasunaz ohartzean Harkaitzek honela bota zuen: - Gose ginen, e? - Bai motel, gose eta neka-neka eginda – erantzun zion Ainhoa izeneko neska pertxentak. - Hamar minutu falta dira gaueko hamarrak izateko, eta dagoeneko ez da deus ikusten – segitu zuen Ixiar pinpirinak. - Ba har ditzagun gure lo-zakuak eta lotara denok – moztu zuen Andima izeneko mutil beltzaranak. Andimaren iradokizuna denon gustukoa izan zen antza, aldameneko karraskiletan pixa zarrasta egin bezain pronto norbera bere lo-zakuan sartu baitzen. Eskuin aldeko kanpaina-dendan mutilak sartu ziren, hau da, Harkaitz, Andima, Eñaut eta Iñaki, eta ezker aldekoan, berriz, lau neskak: Ainhoa, Ixiar, Koruko eta Oihana. Hamarretarako argiak itzaliak zituzten, eta laster gure lagunen zurrungak ziren bazter haietan entzun zitekeen ia soinu bakarra. Tarteka hontza baten kantuak orkestra haren monotonia laguntzen zuen. Bi ordu ez ziren pasako bestelako soinuk, oihuk eta garrasik gure lagunak loaren besoetatik esnatu zituztenerako. - Hau beldurra! Zer dira garrasi zoro horiek? Badirudi hor nonbait lagunen bat ari direla bizirik larrutzen – bota zuen esnatu berria zen Koruko izeneko neska ilehoriak. - Ez al dira gure mutil lagunak izango! – esan zuen begiak oraindik ireki gabe zituen Ainhoak--- Badakizue zein bromoso diren, eta agian izutu nahi gaituzte. - Bai zera neska, oihu lazgarri horiek ez ditun gure lagunenak, urrutiko kontua ziruditen. Ikaragarriak ditun, edozein dar-dar batean jartzeko modukoak. Ni behintzat, kaka eginda nagon bragetan – moztu zuen Oihanak, begietako makarrak ezin kendurik zebilela. - Ba, zerbait egin beharko dugu, hemen dendan sarturik egonik, erotu besterik ez dugu egingo – erantzun zien ordura arte isilik egon zen Ixiarrek, lo-zakutik irtenaz eta dendako atea ixten zuen kremailera irekiz. Mutilen dendan antzeko zerbait gertatua zen, eta ordurako lau mutilak, kanpoan zeuden galtzontziloetan eta eskuetan linterna bana zutela. - Hau da hau, inoiz ez dut horrelakorik entzun! – zioen Iñakik ikara bere aurpegitik ezin aldenduz. - Bai motel, hau esnatzeko modua. Odola hormatuta zaukaat zainetan – Eñautek. - Ni hasieran zuen txantxa bat zelakoan esnatu naiz, baina berehala konturatu naiz garrasi horiek ez zirela oso naturalak! – Harkaitzek. - Zer esan nahi duk horrekin? – galde egin zion supituki (2) Andimak. - Ba, garrasi horiek ez diruditela gizakiek sortuak, beste mundu batekoak baizik – ihardetsi zion Harkaitzek oso ahots urratuaz. - Ixo, ixo, eta entzun ezazue! – moztu zien Ainhoak. - Lehengo garrasi lazgarri berberak! – Oihanak. - Badirudi hango gain hartatik datozela! – Korukok. - Gau freskoa egiten du – Iñakik dardarka--- Jantzi gaitezen ongi, eta goazen harantz ea zer gertatzen den. - Hi erotu haiz, ala? Harantz joatea esaten duk. Baina zer uste duk hik, Serlock Holmesen ekipokoak garela, ala? – Eñautek. - Isil hadi babo hori! Zer Serlock Holmes eta zer Serlock Holmes-ondoko. Ez gaituk hemen ezkutuan egongo, galtzetan kaka eginda, eguna argitu arte, ezta? – berriro erantzun zion Iñakik. - Ados nagok hirekin! – moztu zien Andimak--- Jantzi gaitezen eta goazen denok gain hartara garrasi horiek mundu honetakoak edo bestekoak ote diren ikustera. Jakin-minez beterik nago! - Baita ni ere! Baita ni ere! – erantzun zioten batera ia beste guztiek. Eta horrela ongi jantzirik eta linterna bana eskuan zeramatela, gure zortzikotea garrasi lazgarriak irteten ziren gain aldera abiatu ziren. Lehen-lehena Andima zihoan, gain hartara zeraman bide-txigor estu bati jarraiki, eta atzetik, ilara eginez, beste guztiak. Ilargi bete handia zen zeruan, eta bere argitasuna aski zen bide-txigorrari jarraitu ahal izateko. Hori dela eta, linternak itzali eta gorde zituzten. Hamabost minutu inguru aski izan ziren gain alde hartara iristeko. Gero eta hurbilago, gero eta heiagora (3) lazgarriagoak entzuten zituzten. Garai hartatik hurbil zegoen zabaldi batean topatu zuten misterio haren iturria. - Begira ezazue, han hango zabaldian! Ikusten al duzue ni ikusten ari naizena? – esan zuen Iñakik. - Bai, bai! – beste guztiek. - Baina zertan ari dira? – galde egin zuen Oihanak ahots urratuaz. - Badirudi ari direla festa bat egiten – ihardetsi zion Andimak. - Baina… den-denak emakumeak dira, eta zarpail samarrak gainera! – Ainhoak. - Bai, sorginak dirudite! – Ixiarrek. - Hori da, sorginak dira, eta badirudi akelarrean ari direla! – Eñautek, ikaratu samar. - Ene! Non sartu gara? – Harkaitzek. - Egin dezagun atzera! – Ixiarrek eta Ainhoak euren izu aurpegia ezin ezkutatuz. - Ez neskak, hurbil gakizkien pixka bat gehiago egiten dutena hobeto ikusteko. Beraiek ez gaituzte ikusiko baldin eta soinuren bat ez badugu egiten – Andimak. - Arrazoia duk! Hurbil gakizkien pixka bat gehiago kuxkuxeatzeko! – Oihanak. - Ez al da arriskutsua izango? – galdetu zuen Iñakik. - Ez mutil, isilik hurbiltzen bagatzaizkie ez gaitiztek ikusiko, eta guk berriz, dena ikusi ahal izango diagu – Andimak, tinko. Azkenean, Andimari jarraiki, zabalditik berrogeita hamar bat metrora zegoen harkaitz handi batera hurbildu ziren. Bertatik sorginak dantzan ikus zitzaketen, beraiek ikusiak izan gabe, edo bederen (4), horixe zen beraiei iruditzen zitzaiena. Zabaldiaren erdian bazen harri zabal bat, eta gainean loturik, aker beltz bat zeukaten. Sorginak dantzan ari ziren harriaren inguruan biribil luzangak (5), behin eta berriz, egiten. Dantzan eta kantan. Kantan eta dantzan. Haize parrasta batek kantuaren hitzak argi eta garbi ekarri zituen zortzi lagunak ezkutatzen ziren harkaitz alderaino. - Gorbeiako larran aker bat dago erdian, atso herrenak dabiltz bere aurrean dantzan. - Gorbeiako larran aker bat dago erdian, atso herrenak dabiltz bere aurrean dantzan. - Goazen, goazen, goazen eurari laguntzen, mendi ta harkaitz artean uju, uju egiten. - Goazen, goazen, goazen eurari laguntzen, mendi ta harkaitz artean uju, uju egiten. - Sorginak dira, ez dago zalantzarik, eta akelarrea egiten ari dira! – esan zuen ahopeka Oihanak, sorginek entzun ez ziezaioten. - Jainko maitea, ixo Oihana, ixo! Ez diezaguten entzun! – Korukok, zurbil-zurbil. Bitartean, sorgin zarpail herren haiek kantua eta dantza bukatuak zituzten. Beraietako batek akerraren gernua (6) bildu zuen antoxina (7) batean, eta zurrutada bat edan eta gero, beste sorginei luzatu zien gauza bera egin zezaten. - Hau kilikagarria da! Ni ez noa hemendik argazki bat atera gabe! – eta hori esanaz, Oihanak poltsikotik makina ttiki bat atera zuen eta argazkia ateratzeko prestatu zen. - Hi txoratu haiz neska! Flasharen argia ikusiko diten! – Korukok, galtzetan aspaldian kaka eginda zegoela. Baina Oihanak, kasurik egin gabe, argazkia atera zuen. Klik! Flasharen argi txipiak distira egin zuen. Sorginek argia ikusi nonbait, eta zortzi lagunak ezkutatzen zituen harkaitz aldera begiratu zuten. Sorginen erregina zirudienak, haserre antzera, begizko (8) bat bota zien ezkutuan zeuden lagunei: - Arrio eta belio ezkutuan dagoenari begia irten bekio! - Arrio eta belio ezkutuan dagoenari begia irten bekio! Zortzi lagunak, beraiekin ari zela ikustean, korrika eta lasterka hasi ziren gainetik behera, maiz eroriz, altxatuz gero, eta berriro eroriz. Hori ikusterakoan, sorginen erreginak sastakai (9) zorrotz bat atera zuen bere arropen artetik, eta besteek gauza bera egin zuten. - Harrapa ditzagun!! ! Ez dezatela alde egin!! ! Herrenka bai, baina lasterka, gure lagunen atzetik abiatu ziren. Haatik, atso haiek ez zeuden gazte haien atzetik korrika ibiltzeko moduan, eta berehalaxe, horretaz konturaturik, jarraitzeari utzi eta zabaldira itzuli ziren. Neska-mutilek, gibeletik ez zihoazkiela ikustean, lasaitu ederra hartu zuten. Kanpaina-dendetara iritsi bezain pronto, bertara sartu eta babestu ziren. - Ederra egin dun hire argazkiarekin! – Korukok Oihanari--- Burua galdu dun, ala? - Bai neska, hi ez hago oso sano. Hiri bururatu behar halakoa egitea – Iñakik. - Ixo, ixo! Isil gaitezen denok eta itzal ditzagun argiak, sorgin nazkante horiek ikus ez gaitzaten! – esan zien Andimak solasaldi bizi hura moztuz. Horrela pasatu zuten gaua, lo-zakuetan sartuta, isilik, eta beldurrak jota. Goizeko lehen argiekin dendetatik irten ziren. - Hau gaua! Ez dut bat ere lorik egin! – Korukok, zurbil-zurbila. - Nire bizitza osoan ez dut horrelako beldurrik izan! – Ixiarrek. - Ezta nik ere! – Iñakik. - Bildu dezagun dena, lehenbailehen, eta etxera! – Harkaitzek. - Ez lagunak, igo gaitezen berriro ere, gain hartara, eta ziurta dezagun bart ikusitakoa egia izan dela, eta ez amets kolektibo ero bat – Oihanak. - Orain zer nahi dun, beste argazki bat atera, ala? – Ainhoak, haserre antzera. - Barkatu, barkatu! Ikusten ari ginenaren froga nahi nuen, besterik ez. Horregatik bururatu zitzaidan argazki bat ateratzea – Oihanak. - Pixka bat gehiago, eta aker beltzaren aurrean sakrifikatzen gaitizten sorgin alu horiek. Eta dena hiregatik! – Korukok, begiak gorri-gorri eginda zituela. - Barkatu, barkatu! Ez nuen uste konturako zirenik. Baina orain, goazen gora, ea ikusitakoa egia izan den ala ez! – Oihanak, beti bezain animoso. Inor bere tokitik ez zela mugitzen ikustean, Oihana bezperako gain aldera zeraman bide-txigorretik barrena abiatu zen bakarrik. Andima, segituan lotu zitzaion, Eñaut eta Ainhoa gero, eta pixkanaka-pixkanaka Harkaitz, Iñaki, Ixiar… Korukok, bere burua bakarrik ikustean, garrasika hasi zitzaien hasieran… - Baina, baina… burua galdu al duzue denek? Zer nahi duzue, sorgin zahar horiek sastakaiez akaba gaitzaten, ala? …eta ondoren, beste erremediorik ez zuela ikusita, atzetik korrika lotu zitzaien. - Itxoin, itxoin mesedez, ez nazazue bakarrik utzi! Handik hamabost minutura, gauean ezkutaleku gisa eduki zuten harkaitz alderaino iritsi ziren. Handik akelarrearen zabaldia ikusi ahal izan zuten, baina han ez zegoen ezer, sorginek aldare moduan erabilitako harri zabala izan ezik. Arriskurik ez zegoela ikustean, bertaraino hurbildu ziren. Aldarea aker gorotzez inguratua zegoen. Oihanak esku ahurra (10) gorotzez bete zuen eta denei erakutsiz honela esan zien: - Garbi dago, ez da amesgaiztoa izan, hauxe da frogarik onena, hau eta baita bart atera dudan argazkia ere. Hori esanda, argazki-makina poltsikotik atera, eta erretratuak egiteari ekin zion txirrika ahitu zuen arte. Ondoren isil-isilean, inork txintik esan gabe, kanpaina-dendetara itzuli, gauzak bildu, eta zibilizaziorako bideari egin zioten. Isilik zihoazen arren, haietako inork ezin zuen bezperan sorginei entzundako kantua bere belarrietatik ezabatu. - Gorbeiako larran aker bat dago erdian, atso herrenak dabiltz bere aurrean dantzan. - Gorbeiako larran aker bat dago erdian, atso herrenak dabiltz bere aurrean dantzan. - Goazen, goazen, goazen eurari laguntzen, mendi ta harkaitz artean uju, uju egiten. - Goazen, goazen, goazen eurari laguntzen, mendi ta harkaitz artean uju, uju egiten. AITATXI SATURREN AZKENA (EDOTA ABSURDUAREN INDARRA) Arruetarren etxean tristura zen nagusi, aitatxi Satur bere azken hatsa ematen ari baitzen. Aitatxiren logela zabalean oheak erdialde osoa betetzen zuen. Oheburuaren gaineko horman gurutze handi iluna zegoen. Ezker-eskuin, bere lau seme-alabak: Josetxo, Luis, Fermin eta Margarita, bizpahiru biloba, bere aitorlea zen Aita Ladis eta alderdiko zenbait burukide. Satur Arrue Baztango lurretan jaioa zen, bertako baserri batean. Gurasoak nekazariak ziren eta Saturrek bere lehen hamabost urteak lanbide horretan eman zituen. 1936ko altxamendua izan zelarik, hamasei urte bete berriak zituen. Ez zuen bi aldiz pentsatu, sega eta aitzurra etxeko zuloan utzi eta eskopeta eta eskapularioa hartu zituen foruak eta erlijio saindua defenditzeko asmotan. Gipuzkoa hartzera zihoazen tropetan sartu zuten eta adore handiz borrokatu zen gerra anker hartan. Gorriak, errepublikanoak eta nazionalistak fusilatzen zituzten taldeetan parte hartu zuen boluntario gisa, eta odol hotzez egin zuen bere lana. Irunera Erlaitz menditik barrena sartu ziren eta bertako gatazkan larriki zauritu zuten ezkerreko besoan. Gerraren hastapenetan, apaiz eskuindar batek lepotik zintzilik jarri zion eskapularioak (Jesusen Bihotz Sainduaren irudi ederra eta bere azpian: Geldi hadi bala! -zioen testu laburra) ez zuen orduan etsaien baletatik babestu. Larriki zauriturik, Elizondoko ospitalera eraman zuten eta han, hamabost bat egun eman zituen eldarniotan. (2) Besoa arrunt gaiztoturik zeukanez gero, moztu egin behar izan zioten, eta ondoren, poliki-poliki, bere onera itzultzen hasi zen. Gerran erakutsitako adorea zela eta, ohorezko domina ezarri zioten. Gero, Donostian, Ondarretako presondegiko arduradun izendatu zuten eta han ibili zen zenbait urtetan mundua “endekatuez” (3) garbitzen. Geratzen zitzaion eskuineko eskuak ez zion inoiz dar-dar egin “jendaila” haren exekutatzea sinatzeko orduan. Bera kristau ona zen eta erlijio sainduaren alde dena emateko prest zegoen, etsaien odola, batez ere. Ondarretako presondegitik beste jardueretara igaro zen ondoren, beti goi mailako karguak betez. Poltsikoa gero eta beteago zeukan, Francoren gobernu espainiar faxistak ongi saritzen baitzituen beraren alde egindako zerbitzuak. Zorioneko urteak izan ziren Saturrentzat eta bera bezalako guztientzat. Iruñean etxe eder bat erosi zuen eta Blanca Pegenauterekin ezkondu ondoren, lau seme-alabetako familia kristau eta espainiar ederra hazi zuen. Baina zorigaiztoko egun batean, Franco salbatzailea hil zen, eta horrekin sekulako anabasa hasi. Gerran zanpatutakoen ondorengoak lotsagabeki azaltzen hasita zeuden eta euskal ikurrinak nonahi ikus zitezkeen. Behin, arruetarren ondoko tentsio handiko kable elektriko batetik horrelako bat eskegi zuten eta han egon zen zintzilik, eguzkiak, euriak eta haizeak guztiz desegin zuten arte. Saturrek kakalarri galanta hartu zuen. Euskaldun basati horiek Nafarroa konkistatu nahi dute, eta gu nafarrok ez gara euskaldunak, espainol onak baizik, Jaungoikoak mundua sortu zuenez geroztik. – zioen bere kolkorako. Handik bi urtera ikastola bat zabaldu zuten bere etxe aurrean, eta Satur desesperaturik ibili zen, etxetik ateratzen zen bakoitzean nonahi entzun baitzezakeen euskara madarikatua. Euskara ez da nafarron hizkuntza; espainolak gara eta espainiera da gure mintzaira. Niri ederki kostatu zitzaidan gerra garaian espainolez ikastea, eta nire guraso gaixoak (Jaungoiko handiak bere bekatua barka biezaie!) ikasi gabe joan ziren beste mundura. Eta orain, hor ari dira su-piztaile horiek gezurretan, euskara gure hizkuntza dela esanez. Beste Franco bat beharko genuke, beste gerra bat, jendaila horretaz berriro libratzeko, eta oraingoan, erro-errotik ebaki beharko genuke, erro-errotik eta betiko! – erraten zion bere buruari bakarrizketa isil eta amorratuaz. Gero gerokoa. Nafarroa aparte mantendu zuten, eta Saturren lagunek botereari eutsi zioten. Alderdi berri bat sortu zen eta bertan bildu ziren bera bezalakoak. Garai bateko su beroa apaldu behar izan zuten. Horixe izan zen boterean mantentzeko egin beharreko sakrifizio txipia. Seme-alabek ere, aitaren sukar beroak bultzaturik, alderdian sartu ziren, eta orduz geroztik eskailerak igotzen hasi ziren, gero eta gorago, patrikak gero eta beteago. Berriro ere, urte onak izan ziren arruetarrentzat. Haatik, bizitzak aurrera darrai eta urteek ez dute inor barkatzen; eta horixe bera gertatu zitzaien arruetarrei. Ama hirurogeita hamabost urterekin hil zen, Saturrekin gerra garaian fusilatze taldeetan boluntario gisa ibilitako Aita Ladis apaiz jatorrak Aita Sainduaren azken olioez (4) igurtzi ondoren. Eta Satur gaixoa, emazterik gabe ezin biziz, bi urte beranduago bere azken hatsa ematen ari zen, hirurogeita hemezortzi urte zituela. Heriotzaren ordua hurbil zuela zirudien. Pixkanaka-pixkanaka itzaltzen ari zen. Saturrek, berak fusilatze taldeetan edota Ondarretako presondegian hainbeste etsairi emandako heriotza azkarra nahi zuen beretzat, baina horren ordez, amaierarik gabeko hilzori luze batean sartu zen. Oinaze handiak zituen eta ezin zen ohetik altxatu ere egin. Horrela hiru aste eman ondoren, eldarniotan hasi zen, Erlaitz mendian zauritu zutenean gertatu zitzaion bezala. Bere ondoan aitaren herentzia kobratzeko irrikatan zeuden seme-alabek amorru handiz itxoiten zuten Saturren azken hatsa. Aita Ladis laguna eta alderdiko bizpahiru burukide ere, aldamenean zeuden. - Satur hiltzean, bat gutxiago izanen gara hurrengo hauteskundeetarako, eta dagoeneko hurbil samar daude! – esan zuen burukideetako batek. - Ez dago eskubiderik! Horrela jarraitzekotan, laster gobernua beraien esku egonen da! – erantzun zion bigarren burukide batek. - Bada, gure aldeko botorik emateko prest ez badaude, eta gaurko marko politikoaz sinisten ez badute, abstenitu egin beharko lirateke! – segitu zuen Aita Luisek, atsekabe handiz. Margarita alabak aitaren eskumuturra estutu zuen pultsua neurtu nahian; baina alferrik, aita oraindik bizirik baitzegoen! Halako batean, Satur eldarnio handitan hasi zen, han bilduta zeuden gehienentzako ulertezinak ziren hitzak ozenki ahoskatuz. Euskaraz, txikitako ama-hizkuntzaz ari zen. Aita Ladisek, berriz, Iruritakoa izaki, ongitxo ulertu zuen Satur Arrue erraten ari zena. Bere ama zenduari deika ari zen. - Hau lotsa! – esan zien beste guztiei--- Euskaraz ari da. Satur gaixoak ez zuen horrelakorik merezi. - Hau isildu beharra dago, gure jendeak honen berri edukiko balu eskandalu handia izanen litzateke eta gure familiaren ohore ona betiko zikinduta geldituko. – ihardetsi (5) zion Josetxo seme premuak (6), arrunt asaldatuta. Beste guztiek burua goitik behera mugituz adostasunezko jarrera erakutsi zuten. Hura lotsa! Hura atsekabea! Satur Arrue euskaraz mintzatzen! – pentsatu zuten bertan zeuden guztiek. Supituki, Margarita alabak hitza hartu eta esperantza berria piztu zuen bihotz atsekabetu haietan. - Hau lotsagarria da! Aita nafar eta kristau ona zen eta horregatik deabruak, bere bizitzaren azken momentuetan, tentatu nahian edo, euskara ekarri dio ezpainetara. Guk ezin dugu hau horrela utzi, eta are gehiago, ezin dugu hemen gertatzen ari dena gela honetatik kanpo zabaldu. - Baina etxeko zerbitzariak aitaren garrasi ozenak entzuten ari dira eta laster berria zabalduko dute! – moztu zuen Fermin semeak. - Entzun dezatela! – segitu zuen Margaritak--- Entzun dezatela! Beraien hitza gure hitzaren kontra izanen da. Aita Ladisek lau haizetara aldarrikatuko du aitak bere azken hatsa ematen duela arameeraz, hau da, Jesukristo gure salbatzailearen hizkuntzaz, hitz egiten. - Zoragarria Margarita, zoragarria! Horixe eginen dut! – Aita Ladisek, alegera oso. - Bai, ideia bikaina. Horrela arruetarren ohorea salbatuko da! – burukideetako batek. Halako batean, Saturrek ohikoa baino aunitzez ozenagoa izan zen garrasia jaurti zuen eta gero hitz motelez, azkeneko hitzak euskaraz eman: - Ama, ama, non zaude? Banoa zuregana, banoa…! Gero, Heriok hartu zuen. Margaritak, aitaren heriotzaz oharturik, hitza hartu zuen berriro. - Aita hil da! Orain denok gorde behar dugu sekretua, hemen erran dugun bezala. Prest al gaude denok? – galde egin zuen besteei begira. Bai! irmo batez erantzun zioten beste guztiek. Josetxok tiradera batetik, aitak gerra garaitik gordeta zeukan bandera espainiar frankista atera eta aitaren gorpua estaliz ezarri zuen. Aita Ladisek latinezko otoitz luze bat egiteari ekin zion, eta ondoren, bertan zeuden beste guztiek era monotono batez jarraitu zioten. LURPEKO APARKALEKUA Josetxo izena dut eta historia malapartatu hau hasi zenean 2006ko otsaila zen, eta nik orduan berrogeita hamar urte bete berriak nituen, ezkonduta nengoen eta bi mutilen aita nintzen. Nire emazteak Edurne izena zuen, semerik zaharrenak Aitzol eta ttikienak Lizardi. Emazteak nik baino lau urte gutxiago zeuzkan, hau da, berrogeita sei urte, Aitzolek hamazazpi eta Lizardik hamalau. Pozik, eguneroko arazoetan bete-betean sarturik, hau da lana, ikasketak, familia, fakturak hilero ordaindu beharra…, baina pozik, bizi ginen Astigarragako geure etxean. Guretzako gogorrena urtero urtebete gehiago bete beharra zen, gehiago edo gutxiago? horretan ere filosofia eta ikusmolde ezberdinak baitaude. Otsailaren asteazken petral horietako batean, eta lanean beranduago sartzekoa nintzela profitatuz, Donostiara abiatu nintzen egin beharreko paperak egitera. Goizeko zortzi eta erdiak ziren, zirimiri etengabeak bazterrak bustitzen zituen, eta hotz handiari aurre egiteko autoko berogailua piztuta neraman. Bederatziak aldean Gipuzkoako hiriburuko kaleetan barrena mugitzen ari nintzen. Berehalaxe Bulebarreko lurpeko aparkalekura sartu nintzen. Sarreran makinak eskaintzen zidan ohiko txartela hartu, eta barrura. Ordurako autoz gainezka zegoen arren, txoko bat topatu eta gure biribila bertan aparkatu nuen. Eskumuturreko erlojua begiratu nuen, bederatziak eta bost ziren. Ongi! – pentsatu nuen---, eta berokia eta aterkia hartuta, eta autoaren ateak giltzatuta, kanpo aldera daraman eskailerarantz abiatu nintzen. Eskailera ondoan bazegoen, nik ordura arte inoiz ikusi gabe nuen kabina moduko bat eta bertan bi neska eta mutil bat ari ziren lanean. Eskailerara hurbiltzean, modu jatorrean agurtu zidaten: Bonjour monsieur! (Egun on jauna!) Frantsesezko agurra entzutean zeharo harritu nintzen, baina beraien aurpegi atseginak ikustean, txantxetan ez zirela ari ikusi nuen; eta orduan Donostiara joaten diren frantses ugari horietako batekin nahastu egin nindutelakoan lagunkor erantzun nien: Egun on! Barkatu baina ez naiz frantsesa! Nire erantzunarekin batera hasi ziren arazoak. Neska-mutilek ez omen zidaten ulertzen eta aurpegian islatzen zitzaien.Horietako batean nesketako batek gozo galde egin zidan: Pardonnez nous monsieur, vous êtes italien? (Barkatu jauna, italiarra al zara?) Istant hartan benetan ari zirela ulertu nuen eta nire frantses kaskarrean ihardetsi nien: Non mademoiselle, je ne suis pas italien, je suis d´ici, je suis basque! (Ez andereño, ez naiz italiarra, hemengoa naiz, euskalduna) - Vous êtes basque! (Euskalduna zara?) – jarraitu zuen atsegin galdera egin zidaneko neskak--- Mais pas d´ici, vous êtes à Marseille monsieur! (Baina ez hemengoa, Marseillan zaude jauna) - Marseillan? – erantzun nion euskaraz--- Marseillan nagoela, baina zer diozu, erotu al zara? - Perdonnez mois monsieur, mais je ne comprend pas votre langue. – (Barkatuko didazu jauna, baina ez dut zure hizkuntza ulertzen) erantzun zidan urduri. - Berdin da, berdin da. Agur! Eta ezer gehiago esan gabe, eskailera igotzeari ekin nion. Nire begiek Donostiako bulebarra espero zuten, baina bere ordez, kai erraldoi batera zeraman kale ezezagunarekin egin zuten topo. Hura ez zen Donostia, ez nik ezagutzen nuen Donostia, behintzat. Arraro samarra zen dena, portua, kaleak, itsaso bare hura, urruneko mendixkak, tabernak, jendeak… beraien mintzaira…. Europar itxurakoek frantsesez egiten zuten gehien, baina kaleetan zebiltzan arabiar itxurako askok arabieraz edo antzeko zerbaitez. Euskaraz inork ez zuen egiten. Dendetako eta tabernetako txartelak frantsesez zeuden batik bat. Dena zen arrotza, dena zen berria, dena zen bitxi samarra. Autoek oso itxura arraroa zeukaten, nik inoiz ikusi ez bezala, bertako jendearen jantziek ere ez ohiko itxura zeukaten… zenbait kale mugikorrak ziren, bai irakurtzen duzuen bezala, mugikorrak, supermerkatuetako eskailera mekanikoen antzekoak ziren, eta jendea horren bitartez mugitzen zen alde batetik bestera, inolako ibilgailuren beharrik gabe. Pufa, hura gehiegizkoa zen niretzat! Bazter batean kafetegi itxurako bat ikusi nuen, eta bi aldiz pentsatu gabe, bertara sartu nintzen. Eztarria busti beharra neukan gertatzen ari zitzaidan guztia irentsi ahal izateko. Atea zabaldu eta barrura. Hamar bat pertsona zeuden , gehien-gehienak emakumezkoak, eta zenbait mahaitan eserita kafea hartzen ari ziren, denak blagan eta frantsesez, prefosta! Ordurako banekien euskarak ez zidala deusetarako balioko, eta nonahi entzuten nuen hizkuntza erabiliz eskatu nion ostalerrari: Un café, s’il vous plaît! Inolako itzulpenik egin gabe ulertu zidan. Barraren aurrean eta kafea dastatzen nuen bitartean gogoeta egiteari ekin nion: Hura ez zen Donostia, ez Euskal Herria ere. Non deabru nengoen ni? Marseillako kontua egia ote? Paretan eskegita egutegi handi bat ikusi nuen, hurbildu eta argazkiaren azpian zegoena irakurri nuen: Marseille, 2046. - Hara, hala duk Josetxo, Marseillan nagok! Baina nola liteke izan? Marseillan ni, Astigarragako zulotik inoiz gutxitan atera den gizajo hau? – pentsatu nuen ozenki, zerbitzariaren begiak eta belarriak nireganatuz – Baina, baina… zer urte jartzen du egutegi madarikatu horretan! Berriro irakurtzeari ekin nion: Marseille 2046. Ez zegoen dudarik, huraxe zen egutegi hartan azaltzen zen urtea. Bada ezpada ere, niri harritu aurpegiaz begira zegoen mutil zerbitzariari galde egin nion: Nous sommes en 2046? (2046an al gaude?) Eta mutilak naturaltasun osoz ihardetsi: Oui monsieur nous sommes le 20 février 2046. Vous voulez savoir autre chose? (Bai jauna, 2046an gaude, zer edo zer gehiago jakin nahi al duzu?) Hura gehiegizkoa zen, zoratzeko modukoa. Donostiako bulebarreko lurpeko aparkalekuan sartu 2006ko otsailaren 20an, eta kanpora irten, eta Donostiara atera beharrean, Marseillan nengoen. Hura ulertezina zen. Marseillan eta 2046ko otsailaren 20an, hau da berrogei urte beranduago. Barraren atzeko aldean, horma osoa hartuz zegoen ispilura begiratu nuen 96 urteko agure baten irudi zaharkitua ikusteko beldurraz, baina aitona bat ikusi beharrean, nire eguneroko aurpegia topatu nuen. Ile zuriak nabarmen ziren buruko zenbait tokitan, baina beti bezala, ezer berririk ez. Ni nintzen, Josetxo, nire 50 urte bete berriekin, baina 2046. urtean. Eneee! Niko Etxart kantari zuberotarrak zioen bezala, hura tumatxa zen! Izerdi hotz bat sumatu nuen nire gorputz osoan. Eskuak, urduri, mukizapia bilatu zuen poltsikoan eta orduan topo egin zuen segapotoarekin, hau da, sakelako telefonoarekin. Berehala atera eta etxera deitu nuen: - Rin, rinnnnn, rinnnnnnn! Nire harridurarako ez zuen nire emazte Edurnek hartu, espero nuen bezala, mutil nerabe batek baizik. Lizardi seme gazteena zelakoan honela galdetu nion: - Aita naiz! Eta mutilak berehalaxe erantzun: - Ez,erratua zaude, aita baratzean dago.Baina nor zara zu? Orduan etorri zitzaidan burura urteen kontu hura, eta agian gure semeetako baten semea zelakoan honela jarraitu nuen. - Zein da zure aita? Aitzol edo Lizardi? - Lizardiren semea naiz. Zer nahi duzu, berekin hitz egin? Errealitate lazgarriaz konturatuta, izenak eta galderak garai berrietara moldatzen segitu nuen. - Eta amona Edurne, hor al da? - Ez, amona duela hiru urte hil zen pneumonia batek jota..Baina zu nor zara? – jarraitu zuen temati. Nik ezin nuen negarra kontu, emaztea hila zen, semeak ez ziren garai bateko nerabeak, ezkonduta zeuden eta euren familiarekin… eta ni nire berrogeita hamar urte bete berriekin. Hura amesgaiztoa! Masailetatik behera irristan jaisten zitzaizkidan malkoak xukatuz eta ahots negartia disimulatuz nolabaiteko erantzuna eman nion. - Koldo Apeztegia nauzu, zure aitona Josetxoren laguna, eta bere semeetako batekin hitz egin nahi nuen. - Oraintxe sartu da aita etxera. Momentu bat, segituan jarriko da eta. Eta horrela, hitz egin ahal izan nuen gure seme gazteenarekin. Dena den, ordurako erabakita neukan ezin niola nire benetako nortasunaz deus aipatu. Zertarako? Berrogei urteko hutsunea zegoen gure artean. - Bai, nor da? – esan zuen telefonoa hartu berriak. - Koldo Apeztegia naiz – errepikatu nuen bat-batean asmatutako gezurra--- zure aitaren laguna naiz, Ameriketan bizi izan naiz azkeneko berrogei urtetan eta bere berri izan nahi nuen, molestiarik ez bada, bederen. Ustekabeko galderaren aurrean mutila isildu zen. Nabari zen ez zuela gai hura gogoko. Eztul pixka bat egin zuen eztarria findu nahian eta gero ahots serioz erantzun zidan: - Gure aita duela berrogei urte desagertu zen inolako arrastorik utzi gabe. Ez dakigu zer egin zuen eta nora joan zen. Ertzainak bere arrastoaren atzetik ibili ziren urte luzetan, baina inoiz ez zuten ezer aurkitu.Orduz geroztik inoiz ez dugu bere berririk izan, ez ahoz eta ez idatziz. Historia hura oroitzean Lizardi semea pasatzen ari zen momentu txarraz jabetuta, kontakizuna moztu egin nion. - Sentitzen dut, sentitzen dut bihotzez. Ez nekien ezer. Barkatuko didazu deitu izana…. – negarrari ordurako ezin eutsiz--- Barkatu, barkatu. Agur! – eta desesperaturik telefonoa eskegi nuen. Negar batean gelditu nintzen. Kafetegian zeuden guztiek isilean begiratzen zidaten. Sortzen ari nintzen eskandaluaz konturaturik, kafea ordaindu eta kalera atera nintzen. Aurrez aurre zegoen liburu denda batean errepide mapa bat erosi nuen. Gero, lurpeko aparkalekutik autoa atera eta autobideetan barrena itzultzeari ekin nion. Hurrengo eguerdirako Astigarragan nengoen. Zeharo aldatuta bazegoen ere ezagutu nuen. Han erreka ondoan zegoen gure etxetxoa. Hurbil daukan muino batetik largabistaz (5) begiztatu nuen. Etxe aurrean bi mutil gazte jostaketan ari ziren zakurtxo batekin. Malkoak xukatu nituen, behin eta berriro. Momentuko zirrarak beraiengana joateko agintzen bazidan arren, nire sentimenduak kontu behar izan nituen, ederki bainekien nirea ordurako egina zegoela. OTSATEKO MISTERIOAREN ZIRIMOLAN - Txirrin-txirrin!! ! Telefonoak luze jo zuen Gomez Segurakoen etxean. Azkenean, esku gazte batek hartu zuen. - Bai, nor da? - Hodei! – erantzun zion deitzen zuenak--- Unai nauk! - Zer moduz Unai? Ongi al haiz? - Bai mutil, fakultateko zenbait lagun bildu gaituk, badakik Joseba, Iker, Andoni, Josu eta konpainia, eta ikerketak egitera joatea erabaki diagu. Animatuko al hintzateke gurekin etortzen? - Ikerketak? – Hodeik, arrunt harriturik--- Orain zientzialari sartu behar al duzue, ala? - Ez mutil, zer zientzialari eta zer zientzialari-ondo! Josebaren kontuak dituk, badakik psikofoniak, OHEak (1), mamuak, espiritu erratuak eta bestelako parazientziak. Horrelako ikerketak egin nahi dizkik Gasteiztik hamabost kilometrora dagoen herrixka abandonatu batean, eta nahiz eta besteoi horrelako kontuak ez zaizkigun bat ere gustatzen, berarekin batera bi asterako joatea erabaki diagu. Aitziber, Estitxu, Maitena, Sara eta Elixabet ere joatekoak dituk. - Neskak ere joatekoak al dira? – Hodeik, ezin sinetsiz. - Bai, bai! Etxean beraien lagun den Mirentxuren gurasoek Oionen duten etxera doazela esan eta gurasoek amua irentsi ditek. Bistan da, Oionera joan beharrean, gurekin etorriko direla Otsatera. Josebaren kontu arraro horiek ez zaizkiek gehiegi gustatzen, baina irrikatan zeudek gurekin hamabost bat egun pasatzeko. - Ene! – Hodei, pozaren pozez--- Eta nola joango gara herri horretara? Autobusik edo trenik ba al da? - Ez, ez, horrelakorik ez zagok. Baina Ikerrek eta Josuk auto bana eramanen ditek. Gurasoak engainatu omen ditiztek, ez zekiat nola, eta utzi egin zietek. - Aupa! Biba zuek! – Hodeik, txoriak baino alaiago--- Bi auto eta neska bana, ez zagok bat ere gaizki. Autoan goxo-goxo joango gaituk. Ni, Aitziberren ondoan!! ! - Bai mutil, Aitziber oso-osorik hiretzat. Bazekiagu aski ongi konpontzen zaretela – Unaik, irribarretsu. - Eta noiz aterako gara? - Etzi, hau da, astelehenean, animatzen bahaiz edota gurasoek joaten uzten badiate, aterako gaituk. Goizeko bederatzietan hire etxeko atarian izanen gaituk. - Primeran! Zer edo zer asmatuko diat gurasoak engainatzeko. Eta astelehenean, esandako orduan eta tokian izanen nauk. - Astelehena arte orduan, Hodei! - Bai, astelehena arte, Unai! ---------------------------------- Uztailaren 2a, astelehena. Astelehenean, goizeko bederatzietan, han zeuden, Hodeiren atari aurrean, bi autoak hogei-hogeita bat urte bitarteko neska-mutilez gainezka. Hodei ere prest zegoen. Motxila fardel-ontzian sartu eta Josuren autoan, atzeko aldean utzia zioten tokira sartu zen. Sartu aurretik, mesfidantza handiz begiratu zuen auto barrura. Aurrean Josu bolantean, eskuinean Sara, bere gustuko neska; atzean, berriz, Elixabet ezkerreko leihoaren ondoan, inoiz baino ederrago zegoen Aitziber xarmanta, eta eskuineko leihoaren ondoko tokia libre beretzat. Gustu handiz eseri zen, prefosta! Hauen gibelean aparkaturik, Ikerren autoa zegoen, gainerako lagunez lepo eginda. Hodei bere tokian, hau da, Aitziberren aldamenean, goxo-goxo eseri bezain pronto, Josuk autoa piztu eta errepidera bideratu zuen. Ikerrek jarraitu zion. Hamar minututan, hiritik kanpo zeuden. - Agur Gasteiz! Bi astetan ez zaitugu ikusiko! – esan zuen Aitziberrek ahots gozoaz. - Bai, agur Gasteiz! Laster arte! – bota zuen Josuk. Beste guztiak, begirune handi batez, isildu ziren. Hiru ordu laurden inguru bidean eman ondoren, Otsaten zeuden. Bertan ez zegoen arimarik ikusten. Gure lagunak isiltasun handiz jaitsi ziren autoetatik. Estitxuk Otsateko isiltasuna hitz histerikoez urratu zuen. - Eta hona etorri gara bi aste pasatzera? Denbora luze batez, inork ez zion erantzun; gero, Josebak arnasa hartuta, honela esan zion: - Bai Estitxu, bi aste hauetan zenbait ikerketa egin behar ditinagu herri abandonatu honetan. Horixe dun gure bidaiaren arrazoia. - Ene! Eta zer ikerketak? Jakin badaiteke. – Estitxuk, arras urduri. - Gaur gauean, hamabiak aldean, San Migeleko elizaren dorrean, bertan bizi diren espiritu erratuekin harremana lortu behar dinagu. - Eneee! Hi erotu haiz! – erantzun zioten beste neska-mutil guztiek ia batera. - Horretarako hobeto ginen Gasteizen! – bota zuen Aitziberrek, dar-dar batean zeukan ahots izutuaz. - Zuek ez zaudete oso ondo burutik! – Sarak, ikaraz beterik--- Behin elkarrekin ateratzen garela eta hona etorri behar! - Ez zaudete ongi ganbaratik! – ordura arte isilik egondako Maitena ederrak. Mutilak isilik zeuden, oso. Egia esateko, ez zekiten zer esan. Josebak, txoro hark, herri abandonatu baten eta bertan egin nahi zituen ikerketen berri eman bazien ere, ez zuten, inolaz ere, horrelakorik espero. Leku goxo bat bilatzen zuten bi aste polit, euren gustuko neskekin, pasatzeko. Besterik ez. Baina toki hark ez zuen goxotasun handirik eskaintzen eta Josebaren hitzek are gutxiago. Pitzatuta zirudien, alajaina! Josuk, beste askotan bezala, irtenbidea bilatu zuen. - Ixo Joseba, ixo! Egin beharrekoa eginen diagu, baina orain hago isilik, izutu besterik ez baikaituk egiten! Eta beste guztiei begiratuz: - Ez diezaiogun jaramon handirik egin, denok ondotxo baitakigu nolakoa den Joseba eta nolakoak diren bere istorioak. Bila dezagun toki ona kanpatzeko eta presta dezagun gure bazkaria. Bazkaltzean gure egin beharrekoak argituko ditugu-eta. Ala, mugi gaitezen denok! Entzun eta egin. Gasteizko neska-mutilek elizatik ez urrun zegoen txoko egokia bilatu zuten eta bertan hiru kanpaina-denda eder paratu. Lehenengoan hiru bikote sartu ziren, bigarrenean beste hainbeste, eta hirugarrenean bi. Etxeetako hondakinetatik hartutako harriez sua prestatu zuten eta ordu bata aldean bertan berotutako bazkari goxoa jateari ekin zioten. Ordurako Josebaren hitzek sortutako ondoeza ahaztuta zeukaten eta txoriak baino alegerago, elkarri txantxak egiten ari ziren. Bazkaltzeko tenorerako bakoitzak tokia hartua zuen bere maitearen ondoan, eta kantu eta hitz goxoen artean bazkalondoa eman zuten. Eguraldi ederra egiten zuen Otsate hartan eta eguzkiak bero handiz jotzen zuen. Hori dela eta, mutilak alkandora kenduta zeuden, galtza motzetan, eta neskak ere oso antzekoz. Bazkaldu bapo eta bazkaloste ederra egin ondoren, bikote bakoitzak bere tokitxoa bilatu zuen kuluxka egiteko. Eta han izan ziren hitz gozo-gozoak, zirriak eta lo pausa ederrak. Hodeik eta Aitziberrek taldearengandik urrun zegoen txoko bat bilatu zuten, aski eroria zen baserri itxurako eraikin baten aitzinean. Hodeik lekua txukundu zuen eta xukadera zabal-zabal bat lurrean ipiniz, bertara etzan ziren bi gazteak, biak bat eginik. - Entzun al diok goizean Josebari? Ez zirudik burutik oso ondo dagoenik. – Aitziberrek Hodeiri musutxo eta zirrien artean. - Ez hadi kezka, beti izan dun mutil bitxi eta bakartia. Bere kontu horiekin ez zaion kasu handirik egin behar Bestela, oso mutil gisakoa (3) dun. - Bakartia lehen izango huen, zeren eta gure koadrilako Maitena ezagutu duenez geroztik, ez baita berarengandik aldentzen. Lapa halakoa! - Bai, arrazoia dun, Josebaren bakartasunaren kontua igarotako ura dun; orain ederki ibiltzen dun bere Maitena gerritik estu-estu helduz. - Gerritik bakarrik? - Ez hadi gaiztoa izan, Aitziber. Berak jakinen din zartagina nondik heltzen duen. Hori bere kontua dun eta ez gurea. ------------------------------- Arratsaldeko bostak aldean, bost bikoteak sua piztutako tokian bildu ziren berriro, denak indarberriturik. Halako batean… - Goazen, azter dezagun herria ilundu aurretik! – bota zuen Andonik. - Bai, bai, azter dezagun! – erantzun zioten beste gazteek. Egia esateko, ez zuten denbora luze behar izan herria aztertzeko. Han ez zegoen deus zutunik, zenbait etxetako paretak eta elizako horma sendoak eta kanpaina-dorrea izan ezik. - Zergatik joan ziren hemendik bertako biztanleak? – galde egin zuen Elixabetek. - Ez zitunan joan, izurriteek hil zitiztenan. – erantzun zion Josebak deblauki. - Izurriteek? – Elixabetek, arras harriturik. - Bai, 1860an baztangak, 1864an tifusak, 1870ean kolerak eta azkenez, 1917an izurriak bertako biztanle guztiak eraman zitiztenan. - Eneee! – beste gazteek. - Eta gu hemen ondo al gaude, hainbeste gaitz pasa ondoren? – Estitxuk. - Ez al da oraindik, gaitz horien arrastorik hemen, herrian, geldituko etxe abandonatu hauen artean? – Sarak. - Hik asko dakik hemen gertatutakoaz. – Ikerrek Josebari begira--- Konta iezaguk, otoi! - Gero, gero, geroxeago, afaltzeko orduan, gure lehen ikerketa burutzeko denbora egiten dugun bitartean. – ihardetsi zion Josebak misterioz ahoskatutako hitzez. Inork ez zuen deus gehiago esan, eta isiltasun osoz kanpamendura itzuli ziren. ------------------------------------ Ilunabarrean, bederatziak aldera edo, suaren inguruan bildu ziren neska-mutilak afaltzeko asmotan. Entsalada errusiarra eta saltxitxak. Primeran afaldu zuten. Josuk aitari lapurtutako pattar botila atera zuen eta kafearekin batera dastatu zuten. Goxoa zen, eta gure gazteek barrenak berotasun handiaz busti zituzten. Irriak eta kantuak gero eta ozenagoak ziren. Hamarrak aldera, ilargi handi bat Otsateko zeru ateriaz nagusitu zen. - Beterik al dago? – galdetu zuen Sarak, ilargiari begira. - Ez ilgora! – erantzun zion Andonik--- Baina aski beteta! - Bai hala duk, hiru egun barru beteko duk! – erantzun zion Josebak--- Eta orduan egingo diagu egin beharreko ikerketako bat, agian garrantzitsuena izanen dena! – segitu zuen. - Ene Joseba, ez gaitzak ikara! – esan zion Estitxuk, beldurrez. - Konta iezaguk herri honi buruz dakian guztia. Konta iezaguk! – Ikerrek. - Bai kontatu, kontatu! – errepikatu zuten beste gazteek. Eta zenbait segundo isilik eman ondoren, Josebak Otsateari buruz zekiena kontatzeari ekin zion. Tarteka suaren xuxurlak eta urruntasunean aditzen ziren hontzen alarauek (5) entzuten ari ziren neska-mutilen beldurra areagotzen zuten. ----------------------------------------- - Herri honi buruz daukagun lehen erreferentzia 1134koa da, eta badirudi garai hartan Goate deitzen zen herrixkan bakr-bakarrik hamabost lagun bizi zirela. 1557an dataturiko agiri gatean Otsate izenaz deitzen zaio, baina ez dakigun arrazoia dela eta, badirudi ordurako biztanlerik gabe zegoela. 1750ean berriz populatu zuten eta dirudienez sei bizilagun soilik bizi ziren bertan, baina pixkanaka-pixkanaka eskualdeko herririk populatuenetakoa izatera iritsi zen. Gero, berriro ere, maldan behera erori zen. 1860an baztanga izurriteak Otsate herria bete-betean jo zuen, lau urte beranduago, hau da, 1864an, tifusa zabaldu zen. 1868ko azaroan, herriko gaixoak sendatzen eta herria berreraikitze lanetan kementsu aritzen zen Otsateko apaiza desagertu zen elizarako bidetik barrena zihoala. Inoiz ez zen bere arrastorik aurkitu. 1870ean kolerak izugarri zigortu zuen herria. 1917an izurria herrian nagusitu zen eta honekin batera azken biztanleak desagertu ziren. Bitxia bada ere, aldamenean dauden Imiruri, Done Bikendi eta Angelu herrietako bizilagunek kontatzen dutenez, bai 1860ko baztangak, bai 1864ko tifusak, bai 1870eko kolerak eta bai 1917ko izurriak ere, Otsate izugarri zigortu bazuen ere, ez zuen horrelakorik egin aipaturiko herri muganteetan. (6) Aunitzek Otsateren gainean dagoen balizko madarikazioaz hitz egiten dute. - Ene ! Joseba, gorputzeko ile guztiak tente jartzen ari zaizkidak! – moztu zuen Estitxuk, ahots izutuaz. - Ez moztu Estitxu ! Segi, segi Joseba, segi kontatzen! – beste gazteek, jakin-mina ase nahian. - 1947an – segitu zuen Josebak--- Bittor Moraza baserritarrak oso argi bitxiak ikustatu zituen Otsateko zeruan, bertara hurbildu eta bi metro inguruko puxika zuri baten modukoa ikusi ahal izan zuen kanpaina-dorrearen gainean. Urte berean, tximista batek Otsateko eliza jo zuen. Inguruko herrietatik ikusi zuten eta hurrengo egunean, tximistak jotako horman Ama Birjinaren itxura gordetzen zuen medailoi moduko bat topatu zuten. 1970eko abuztuaren 20an, oso gertaera lazgarriak jazo ziren Otsaten – ordurako beldurtu samar zeuden beste gazteek ez zuten txintik ere esaten eta arreta handiaz segitzen zioten Josebaren narrazioari--- Joan Petxe nekazaria, inguruetako zelaietan lanean ari zela, desagertu zen inolako arrastorik utzi gabe; eta bigarren nekazari bat, F. Ameztoi izenekoa guztiz kiskalita topatu zuten. Inork ez zuen inoiz gertatutakoaren gainean argibiderik eman. - Hau beldurra! Dagoeneko galtzetan kaka eginda nago! – moztu zuen Josebaren aldamenean izu aurpegi handiz zegoen Maitena horailak. Josebak Maitena eskutik heldu zuen eta… - Lasai Maitena, lasai! Ez dun ezer gertatuko! – esan zion lasaitu nahian. Gero kontatzeari ekin zion berriro. - 1981ean, Prudentzio Muguruza ikertzaile gasteiztarrak OHE baten argazkia egin zuen Otsatetik oso gertu. 1986an, Fernando Gil ikertzailearen agindupeko hamar laguneko taldea herrira bertaratu zen zenbait azterketa egitera. Eta azterketak bukatzean egindako txostenean irakur daitekeenez, oso gauza bitxiak ikusi eta entzun egin zituzten: arrazoirik gabeko zaratak, argi bitxiak, bihotz taupadak… eta behin, dorrean bakarrik zegoelarik, norbaitek bizkarrean ukitu zuela sumatu zuen Fernando Gil berak. Hori esatean, garrasi luze batek Josebaren kontaera moztu zuen: Aaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaa!!!! Elixabet zen. - Nork ukitu nau bizkarrean? Hi izan al haiz? – atzean zeukan Andoniri begira. - Ez, ez, ez! Ni ez naun izan! Sinis iezadan otoi! – Andonik, gorri-gorri eginda. - Horrelako txantxarik ez, Andoni! – erantzun zion Elixabetek beldurraren eta haserrearen artean. - Baina ni ez naun izan, Elixabet! Bestela esango ninan! – Andonik, bere errugabetasuna garbi utzi nahian. - Ixo, ixo!!! Isil zaitezte biak behingoz! – besteek--- Eta utz iezaiozue Josebari bere historia amaitzen. - 1987an, – segitu zuen Josebak misteriozko ahotsa jarriz--- Armadako bi talde Arakako (Gasteiz) egoitzatik atera eta Otsatetik gertu maniobrak egitera zihoazela, behe-laino trinko batek estali zituen eta han ibili ziren, lau bat orduz, gauean galduta. Elkarrengandik hirurehun metro eskasera zeuden arren, ez ohiko zerbaitek beraien arteko komunikazioa eragozten zuen. Erabat beldurtuta itzuli ziren Arakako koartelera. - Gu ere, horrela gaude, erabat beldurtuta! – moztu zuen Josuk. - 1987an – segitu zuen Josebak, Josuren hitzei entzungorrarena eginez--- “Zergatik dago atea itxita?” zioen psikofonia grabatu zuten Otsaten. Egun berean, autoetara itzultzean, psikofonia egin zutenek autoetako batean zain zeukaten Alberto Fernandez laguna hilik topatu zuten. - Eta ez dela ezer gertatuko, diok? – moztu zuen Sarak. - Ixo, ixo!!! – besteek. - Handik zenbait hilabetera – Josebak, narrazioaren ildoa berriro harturik--- psikofonia egiten ibilitakoak Otsatera itzuli ziren eta gau batean dorrearen ondoan, negarrez ari zen Alberto Fernandezen gorpuzkera zuen mamua ikusi omen zuten. 1987an, Mikel Colmenero telebista ekoizle gasteiztarrak, Otsatetik barrena autoz zihoala, gizaki itxurako bi gorputz luzexka ikusi zituen. Momentu hartan autoa matxuratu zitzaion eta kasetean zeraman zintak Ni banago! zioen ahotsa grabatu omen zuen. Iker Jimenez kazetari arabarrak liburu bat idatzi zuen Otsateri buruz, eta orduz geroztik, asko dira herri honetara era guztietako ikerketak egitera hurbiltzen direnak, eta entzun dudanez, baita euren erritualak egitera etortzen diren sektak ere. - Eneee! Bukatu al duk? – esan zion Hodeik--- Hori bakarrik falta zitzaigun orain, sekta batekin topo egitea. - Ez genuen hona etorri behar. Mundua leku ederrez beterik dago, eta guk hona etorri behar. Hurrengoan Joseba, ez kontatu nirekin! – Elixabetek. Hamabiak laurden gutxitan, Joseba magnetofoia prestatzen hasi zen, eta hamabietan, puntu-puntuan, aldameneko herrietako kanpaina-dorreak ordua ematen hasi zirenean, gazte koadrila osoa, isil-isilik, Josebaren eta bere magnetofoiaren inguruan zirkulu bat eginez, eseri zen. Josebak agindua ematean, eskuak elkarri eman zizkioten eta gisa horretan zirkulua itxi zuten. Inork ez zuen txintik ere esaten. Ezkilak isiltzean, Josebak magnetofoian ezarririk zuen zinta birjina ireki eta galdera bitxiak egiteari ekin zion: - Gabon Otsateko lagunak, gabon! Mesedez, ez hartu gaizki gure presentzia; ez gara zuen bakea asaldatzera etorri, egia jakitera, eta ahal izanez gero, zuei laguntzera baizik. Baina horretarako zenbait galdera egin behar dizuegu. Otoi, erantzun iezaguzue! Gure artean al zaudete? Entzuten al diguzue? – galdetu zuen ahots solemneaz. Inork ez zion erantzun. Gazteek elkarri begiratzen zioten beldurra ezin ezkutatuz. Zirkuluaren erdian, Joseba eta bere magnetofoiaren ondoan, piztuta zeukaten suak gazteen aurpegietan ikus zitekeen izua areagotzen zuen. - Entzuten al diguzue? – errepikatu zuen Josebak, temati--- Horrela bada, emaguzue seinale bat1 Momentu horretan ondoan zeukaten San Migel elizako kanpai-dorrean hontz ba uhuluka hasi zitzaien: - Uuuuuuuuuuuuuu, uuuuuuuuuuuuuu, uuuuuuuuuuuuuuuuuuuu! Gazteek lan handia izan zuten ipurtzuloan bultzaka eta galtzetara ateratzeko pronto sumatzen zuten kakari eusten. Hura beldurra! Baina Josebak ez zirudien oso beldurtuta, eta egoskor, galdetzeari jarraitu zion: - Mila esker laguna, zure seinalea entzun dugu. Baina, nor zara zu? Otoi, erantzun iezaguzu! Alberto Fernandez ikerlariaren arima erratua al zara? Edo, Joan Petxe nekazariarena? Isiltasuna izan zen erantzun bakarra. - Ameztoirena? Isiltasuna, berriro ere. - Desagertu zen herriko erretorearena, agian? Erantzunik ez. - Herriko bizilagun batena? Azken galderarekin batera, hontzak kantatzeari ekin zion. - Uuuuuuuuuuuu! Uuuuuuuuuuuu! Uuuuuuuuuuuu! - Eta nola duzu izena? – Josebak, beldurrik gabe, galdetu zion. Halako batean, kanpai-dorretik itzal luzexka bat atera zen. Emakumea zirudien eta gazteei begira gelditu zen. Gazteak, zegoeneko, ikarak guztiz hartuta zeuden; altxatu nahi zuten eta lasterketari egin, baina hankak dar-dar batean zeuzkaten eta ez zieten altxatzeko eta alde egiteko, behin eta berriro ematen zizkieten aginduei erantzuten. Halabeharrez, eta arrunt ikaratuta, eserita jarraitu zuten. Emakumearen itzala ez zitzaien gehiago hurbildu, eta dorrearen atean gelditu zen. - Ikusten zaitugu, bai! Baina nola duzu izena? – Josebak, galdera errepikatuz. Eta orduan, infernutik aterea zirudien ahotsaz itzalak ihardetsi: - Maria, Maria Egozkue nauzue! - Eta zer nahi duzu? – Josebak. - Itxi atea, itxi atea! Hotzak gaude! Itxi ateak, hotzak gaude-eta! – itzalak ahots etenaz erantzun zuen. - Bai, itxiko dugu! – baieztatu zion Josebak. Hori entzutean, itzala dorrera sartu eta desagertu zen. Ondoren, gazteak altxatu ziren eta kanpamendura itzuliz, lo-zakuetan sartu. Gau hartan loak ez zuen gazteetako inor hartu. ------------------------------ Uztailaren 3a, asteartea. Hurrengo egunean, hau da, asteartean, berandu jaiki ziren eta hitz askorik gabe, gosaltzeari ekin zioten. Denen buruetan gauean gertaturikoa zegoen, bertatik ezin aldenduz. Nor izan zen Maria Egozkue? Zer nahi zuen bere mamuak? Zergatik eskatzen zuen atea ixtea? Auskalo! Hala-hola eguna pasatu zuten, baina ez lehen eguneko euforiaz. Animuak dezente jaitsita zeuden. Ilunabarrean suaren inguruan afaldu zuten eta Josebari gau hartan halako ikerketarik ez egiteko eskatu zioten, bezperan jasandako izua oraindik aski barneratuta baitzeukaten. Tregoa baten beharra zeukaten, eta Josebak, gogoaren kontra bazen ere, onartu zuen. - Ixo, ixo, begira ezazue han goian, zeruan, urruneko izar haien parean! – esan zuen urduri samar, aurrez aurre, urrutitasunean ikus zitekeen bospasei izarretako multzoa seinalatuz. Gazte guztiek Unaik azaldutako tokirantz begiratu zuten, eta izarren artean, beraiengana hurbiltzen ari ziren hiru argi handi ikusi zituzten. Gero eta handiagoak ziren, eta gero eta hurbilagoak zeuden. Zenbait minutu igaran ondoren, Otsate gainean zeuden. Gure lagunak, arrunt ikaraturik, elkarrengana bildu ziren, haragizko pilota moduko bat eginez. Hiru objektuak gainean zeuzkaten, zeruan, geldi-geldirik. Ikaragarri handiak ziren, biribilak eta argitasun zuri trinko batez inguratutakoak. Horietako batetik, argi-izpi zabal eta iraunkor bat atera zen, eta gure lagunengandik bost metrora-edo zegoen San Migel elizako kanpai-dorrera iritsi. Argi hura eskailera argitsu modukoa zen, edo gutxienez, horrela iruditu zitzaion gure gazte jendeari. Gauza da, argi hartatik hiru gizontxo bitxi jaitsi zirela. Ttiki samarrak ziren, buru handia zeukaten eta hanka-beso labur eta meheak. Hasieran, kanpai-dorrera sartu baziren ere, berehalaxe, gazteengana zuzendu ziren. Hauek pilotatxo bat eginik segitzen zuten, galtzetan kaka eginda. Eta metro batera zeudelarik, beraietako bat, ahots metaliko batez, mintzatzen hasi zitzaien. - Lagunak, kasu eman ezazue ilargi beteaz, kontuz ibil zaitezte ilargi beteko gauaz! Itxi ezazue atea, eta gero, alde hemendik lehenbailehen, Otsate gainean dagoen madarikazioak ez zaitzaten harrapa! Otsoen eta izuen atea ixtean, giltzatu ezazue eta gero ospa, berandu baino lehen! Baina ez ahantzi atea giltzatzen. Ez aldendu Otsatetik atea giltzatu gabe, bestela, zuen azkena izango da! Eta hori esatean, eskua luzatu zigun giltza handi bat eskainiz. Josebak, beste gazteen artetik atereaz, giltza hartu zion. Ondoren, hiru gizontxoak objektu argitsuetara igo ziren jaisteko erabilitako argi-izpi berberetik, eta minutu zenbait igaro ondoren, hiru objektu argitsuak bertikalki igo ziren zerura, izarren artean galduz. Gau hura aurrekoa baino gogorragoa izan zen gure lagun gazteentzat. Loa alde egina zegoela zirudien. Nekatuta zeuden, akituta (8), baina loak kostata hartzen zituen; eta tarteka, baten bat lotan gelditzen zenean, amets gaiztoak bere barrenaz nagusitzen ziren. Denak ziren mamuak eta zerutik etorritako gizontxoak neska-mutil haien ametsetan, eta garrasika esnatzen ziren, behin eta berriro. Horrela, egoera penagarri hartan eman zuten astearteko gaua. --------------------------------- Uztailaren 4a, asteazkena. Hurrengo goizean berandu samar altxatu ziren. Begi-zulo handiak zituzten eta aurpegietan nekearen eta izuaren markak nabarmen ikus zitezkeen. Animu handirik gabe eman zuten eguna. Gizontxoak garbi esan zien ilargi beteko gauarekin kontuz ibiltzeko, baita ate misteriotsu bat ixteko eta berak emandako giltzaz ongi giltzatzeko. Otsaten emandako hirugarren egun hura asteazkena zen, eta ilargia osteguneko gauean betetzekoa zenez, ordura arte itxoitea erabaki zuten, gizontxoek esan bezala. Gauean, afaldu ondoren, lozakuetan sartu eta hitz handirik gabe, lo egiteari ekin zioten. Oraingoan, nekea zuten lagun, eta segituan Ingumaren (9) erresumara igaro ziren. Gaueko ordu ttikietan garrasi luze eta lazgarri batek esnatu zituen. Aitziber zen. - Zer dun Aitziber? Zer gertatzen zain? - Norbait gainean jarri zait! - Hodei izango zunan neska! – besteek, barrezka. - Ez, ez! Ez zen Hodei, Hodei nire ondoan zegoen lotan. Beste norbait izan da, ikusezin zen beste norbait. Bere pisuaz esnatu naiz eta nire gainean zegoen itzal moduko bat ikusi ahal izan dut. - Begira, begira itzazue gure gainean! – moztu zuen Maitenak, ahots dardaratiaz. Gure lagunek, Maitenak eskatu bezala, gora begiratu zuten eta horrela ikusi ahal izan zituzten beraien gainetik, alde batetik bestera, hegaka zebiltzan hamar bat itzal handi. Korrika lozakuetatik atera eta hurbil zeuzkaten bi autoetan babestu ziren. Pizteko ahaleginak egin bazituzten ere, ez zen modurik izan autoak martxan jartzeko eta bertan sartuta, asteazkeneko gauaren azken orduak eman behar izan zituzten. Tarteka, itzal haiek autoekin talka egiten zuten eta ibilgailuak kili-kolo mugitzen uzten zituzten. Behin baino gehiagotan, iraultzeko zorian izan ziren. ----------------------------------------- Uztailaren 5a, osteguna. Azkenean, goizaldiaren lehen argiekin batera, osteguna etorri zen. Egun ederra, eguzkitsua zen, baina gure lagunak ez zeuden eguraldiaren onuraz gozatzeko moduan. Eguna hala-hola pasa zuten eta ia-ia ez zuten ahora eramateko mokadurik. Han ez zegoen umorerik deusetarako. Baina ate hura giltzatu beharra zeukaten, eta horren zain zeuden. Ez zuten beste biderik. Gaua iritsi zelarik, bost bat auto etorri ziren herrira, eta gure lagunenen ondoan aparkatu. Beribiletatik beltzez jantzitako hogei bat gizon-emakume jaitsi ziren. Beraien janzkerak gaua bezain ilunak ziren. Gizonezkoek buruko ilea moztuta zeukaten eta emakumezkoek motz-motza. Lepotik zintzilik, den-denek domina moduko bat zeramaten eta bertan ilargi bete baten erdian giltza bat ikus zitekeen. Giltza hura zen gizontxoak Josebari emandako berbera. Euskaldunak ziren, eta gure lagunengana joanez, Ilargi Handiaren sektakoak zirela azaldu zieten. Gau hartan Otsoen eta Izuen Atea ixtera etorriak omen ziren, baina horretarako lehenago giltza xerkatu beharra zeukaten. Josebak gauean beraiekin izango ginela eta giltzarena gure kargu uzteko esan zien. Sektakoek ulertu zuten antza. Gaueko hamabiak aldean, bai Ilargi Handiko sektakoak eta bai gure lagun gazteak San Migel elizako kanpandorre aurrean eseri ziren hiru zirkulu kontzentriko handi eginez, eta erdi-erdian, suaren ondoan, haien buru zen gizona eta Joseba kokatu ziren. Eskuak elkarri helduz zirkuluak itxi zituzten. Zeru goian ilargi bete-betea, zuri-zuria zen nagusi. Sekta-buruak erretolika (10) luze bati ekin zion, latinez hasieran eta euskaraz gero. Otsateko espirituei dei egin zien eta Otsoen eta Izuen Atea non zegoen erakusteko eskatu. Ondoren, beraiekin zeramaten axuri bat sakrifikatu zuten, eta zurezko kaiku batean odola bildu. Odol harekin eta zenbait belar eta isurkirekin edabe moduko bat egin zuten, eta ondoren eskuz esku eta ahoz aho pasa zuten, hiru zirkulu kontzentrikoetan zeuden guztiek edan zezaten. Gazteek ere, nazka handiz baina, edan behar izan zuten. Hamabietan, inguruko herrietako kanpaiak dilin-dalan hasi zirenean, San Migel eliza birrinduaren aurreko aldean, garai batean horma izan zen tokian, burdinazko atetzar bat ikusi ahal izan zuten. Bertatik haize bortitzak, heiagora (11) beldurgarriak eta otso ululariak etengabeki irteten ziren. Beldurra gure lagunen bihotzez erro-errotik nagusitu zen. Hala eta guztiz ere, inor ez zen bere tokitik mugitu eta giza zirkulu kontzentrikoek, euren partaideen eskuez, itxirik segitzen zuten. Burdinazko atetzarraren buruan zizelaturiko mezua irakur zezaketen: Otsoen eta Izuen Atea, eta mezuaren azpian bazen Ilargi Bete bat eta bere gainean Josebak poltsikoan gordetzen zuen giltza berbera irudikatzen zituen marrazkia. Ez zegoen inolako zalantzarik, hura zen giltzatu beharreko atea. Ate zabal hartatik irteten ziren otso, zurrunbilo eta bestelako izakiak herrian zehar mugitzen ziren. Otsoak giza biribiletatik gero eta hurbilago zebiltzan eta itzalak ere, aski gertu. Beldurra zen hango guztien bihotzetan nagusi, baina horrela, eskutik helduta eta zirkuluetan eserita zeuden bitartean, babestuta zeudela iruditu zitzaien hango guztiei. Hori jakinki, horrela jarraitzen zuten, tinko baina ikarak bihotza janda. Halako batean, sekta-burua altxatu zen eta Josebari begira agindu zion: - Mugi hadi! Orain duk hire aukera. Itxi eta giltza ezak ate hori betiko! Joseba ere, altxatu zen eta eskua eskuineko sakelan sartuta, gizontxoak emandako giltza atera zuen. Giza biribil hirukoitzetik irten eta ate alderantz abiatu zen. Bospasei pauso, besterik ez ziren eman beharrekoak, baina zailtasunez josiak. Bat-batean, airezko zurrunbilo horietako bat gainean jarri zitzaion eta lurrera bota. Giltza eskutik lurrera jausi zitzaion. Momentu horretan otsoetako bat hurbildu zitzaion giltza kendu nahian, baina Josebak, aldamenean ikusi zuen adaxka bat hartuta, aurre egin zion eta giltza berreskuratu ahal izan zuen. Jauzi azkar batez, ate aurrera iritsi zen, atea itxi eta giltza sarrailan sartuta giltzatu zuen. Une zehatz hartan soinuak, otsoak, itzalak, zurrunbiloak eta bestelako guztiaz desagertu ziren; eta gero eta ozenago egiten zen txistu zorrotz etengabe moduko bat hasi. Hango lagunen buruak lehertzen ari ziren, indarrak akitzen ari zitzaizkien, eskuak askatzen, konortea galtzen… ---------------------------------- Uztailaren 6a, ostirala. Goizeko lehen orenetan, gure gazteak, pittaka-pittaka, esnatzen hasi ziren. Altxatu zirenean, beraiek bakarrik zeudela konturatu ziren, beste inor ez zegoen, ez sektakorik, ez inor. Den-dena amets kolektibo izan zela pentsatzen hasita zeudenean, Elixabetek gertatutakoaren frogak topatu zituen. - Begira ezazue hemen! – esan zuen, su baten azken arrastoak seinalatuz--- Hemen daude sektakoek erretako axuriaren hezurrak! - Beraz, ez da ametsa izan! – Unaik. - Ez, ez, dudarik gabe, dena errealitatea izan da! – baieztatu zuen Josebak, burumakur. - Begira ezazue hor! – bota zuen Estitxuk, arras asaldatuta, eta beraien autoen ondoan zeuden beste ibilgailuek utzitako ildoak seinalatuz. - Ez dago dudarik! Ez da amets gaizto kolektiboa izan! – Hodeik. - Goazen, lehenbailehen hemendik! – Ikerrek. - Bai, berandu baino lehenago! – erantsi zuen Sarak. Esan eta egin. Gure lagunek lozakuak, janari tresnak eta bestelakoak amen batean bildu, autoetara sartu, eta ziztu bizian, Otsatetik aldendu ziren. Otsatetik Gasteizera egin beharreko hamabost kilometroetan, inork ez zuen deus esan, guztiak isil-isilik zihoazen, baina denek zeramaten buruan, bizi-bizirik, herri abandonatuan jazotakoa, eta oso bereziki, atetzar hartan irakurritakoa: OTSOEN ETA IZUEN ATEA. SAN FERMIN EGUNEKO METEORITOA 2075.eko uztailaren 7an gaude, eta san Fermin eguna izateaz gain, bestelako ospakizun batek astintzen du euskal geografia bere luze-zabal osoan; egun horretan ospatzen baitute euskaldunek 2025ean lortutako independentziaren 50. urteurrena. Euskal Herri osoa besta bat da. Iruñeko kaleak jendez gainezka daude, eta mundu osotik etorritako turisten presentzia inoiz baino nabarmenagoa da. Munduko bazter guztietatik etorritako ordezkaritza politikoak Iruñeko Euskal Gobernuaren egoitzan bilduta daude aipatutako urteurrena ospatzen. Denek txapel eta zapi gorria jantzirik dauzkate. Iruñeko kaleek mitxoletez josiriko soroak ematen dute. Nazio aunitzek euren telebista-kamerak igorri dituzte, euskaldunek, San Ferminekin batera, burutu behar dituzten ospakizunetara. Ospakizun ofizialak, gehienbat, hiriburuan, hau da, Iruñean gauzatuko badira ere, bestelako ospakizunak beste sei hiriburuetan eta beste zenbait hiri handitan ere egitekoak dira. Independentzia erdietsi eta igarotako berrogeita hamar urteak guztiz emankorrak izan dira euskaldunentzat. Errepublika zibila da eta bere ekonomia Europako eta mundu osoko aurreratutakoena. Gainera, lortutakoa oso ondo banatzen jakin dute. Euskara guztiz berreskuratua daukate eta hori da kaleko eta administrazioko hizkuntza bakarra. Dena den, eta oso hezkuntza sistema egoki bati esker, biztanle guztiek, euskaraz gain, beste hiruzpalauz hizkuntzez mintzatzen dira eta honek munduko ate guztiak zabaldu dizkie. 2075eko uztailaren zazpi hartan, dena biltzen zen: independentziaren 50. urteurrena, San Fermin besta eta gainera, gutxi balitz bezala, arratsaldeko bostetan Euskal Herriko futbol selekzioak Espainiakoaren kontra Erroman jokatu beharreko Munduko Futbol Koparen finala. Euskal jendea zain zegoen, Euskal Herria festaren eromenean murgil zezakeen partidu horren emaitzaren zain. Milaka lagun Erromara joanak ziren eta ordurako Hiri Eternala ikurrinez eta euskal kantuez gainezka zegoen. Baina egun hura ez zen festa euskaldun guztientzat. Baziren lanean ari ziren lagunak, beraien artean Bizkaiko Itsasoan arrantzan zebiltzanak. Mattin Uranga kapitaina zen horietako bat. Bera eta bere mutilak lanean ari ziren gogor. Han zeuden itsaso zabalean, baina euren bihotzak Euskal Herrian zeuden, Euskal Herrian eta baita Erroman ere. Goizaldeko lehen orduan ziren eta lanari ekiten zioten bitartean, ama-lurrarekin lotzen zituen irratia piztuta zeukaten. Zuzen-zuzenean, Iruñeko berriak ematen ari ziren. Bat-batean, irratsaioa moztu zen eta esatariak, ahots larriaz, honela esan zuen: - Baionako ortzi-behatokitik komunikatu digutenez, kilometro bateko diametroa duen meteoritoa guregana hurbiltzen ari da, eta eguerdirako gurera eror daiteke. Euskal Gobernuak emergentziazko batzorde bat eratu du, eta bertatik esan digutenez, Segurtasuneko Sailekoekin harremanetan daude arriskua saihesteko. Badirudi egoera kontrolpean daukatela eta meteoritoaren talka ekiditeko modua badela. Hori dela eta, Euskal Gobernuak San Ferminak eta independentziaren 50. urteurrena ospatzeko prestaturik zeuden ospakizun guztiekin jarraitzeko asmoa agertu du. Halaber, Euskal Herriko biztanleriari lasaitasuna eta orain arte bezala, naturaltasun osoz, jarrai dezan eskatzen dio. - Ene Mattin, entzun al duzu? – esan zion kapitainari ondoan zeukan Aitor arrantzaleak. - Bai, Aitor, baina ezin diagu ezer egin egoera aldatzeko, eta eskatu zaiguna eginen diagu, hau duk, gure lanean jarraitu. Eta ezinbestean, horrela egin zuten. Handik ordubetera irratiak mezu berria eman zuen aditzera. - Buru nuklear bana daramaten hiru misil jaurti dituzte Bilboko ortzi-egoitzatik. Eta hamabost minutu beranduago: - Bilboko ortzi-egoitzatik komunikatu digutenez, hiru misilek huts egin dute. Eta hori dela eta, Gasteizko ortzi-egoitzatik bi gehiago jaurti dituzte. Euskal Herri osoan isiltasuna egin zen, denak misil salbatzaile haien zain baitzeuden. Mattin Urangaren itsasontzian egoera bera zen, isiltasuna nagusi. Zenbait minutu beranduago komunikatu berria entzun ahal izan zuten: - Gasteizko ortzi-egoitzatik komunikatu digutenez, lehen misilak huts egin du eta orain itxaropen bakarra bigarren misila da. Euskaldun guztiek bihotzean zimiko bat sumatu bazuten ere, inork ez zuen txintik esan, eta irratiari lotuta jarraitu zuten albiste hobeen zain. Bat-batean, zeruko urruntasunean eztanda ttiki bat ikusi zen eta irratian honako berria entzun: - Jaun-andreok, bigarren misilak helburua lortu du, eta gure ortzi-behategietako zientzialariek frogatu ahal izan dutenez, meteoritoa desbideratu eta momentu hauetan ortzi zabalerantz urruntzen ari da. Beraz, dagoeneko, arriskurik ez dago. Lehendakariak eta gobernu osoak Euskal Herria zoriondu nahi du erakutsitako adore eta zibismoagatik, eta denbora berean, gonbidatzen zaituzte biztanle oro, gaurko festa eta ospakizunekin jarraitzera. Gora San Fermin! Gora Euskal Herri askatua! Eta Gora Euskal Futbol Selekzioa! Azken aldarriak entzutean, Euskal Herri osotik oihu ozen bat altxatu zen, eta jendeak, indarberriturik, festari berrekin zion: txupinazoa, lehen entzierroa, kontzertuak, kantaldiak, dantzaldiak… eta bestelako ospakizunak, bata bestearen atzetik, etorri ziren eta mundu osoko komunikabideek eman zuten horren berri. Eta arratsaldea etorri zen. Erromako giroa pil-pilean zegoen. Euskal futbolariek grinatsu ekin zioten eta azkenean, emaitza: Euskal Herria bost – Espainia zero. Huraxe izan zen egunaren momenturik gorena. Emozioak euskaldunen bihotzetan metatu ziren, eta askoren masailetatik malko sentituak irristatu. Zalantzarik gabe, egun hura ahaztezina izango zen garaiko euskal herritar guztientzat, baita hurrengo belaunaldietakoentzat ere. ------------------------- Gizateriaren luze-zabalean pasadizo eder aunitz gertatzen diren arren, egileak, oraingo ipuin liburu honetarako, Euskal Herria hartu du ardatz gisa, liburuaren orrietan aitortzen digunez, euskal mundua delako hobekien ezagutzen duena eta bihotzean barru-barruan daramana. Ipuinak atzoko, gaurko eta biharko garaietan agitzen dira. Pertsonaiak gure historiatik, gure mitoetatik edota eguneroko bizimodutik sortuak dira: baserritarrak, fraide-zaldunak, soldadu karlistak, pilotariak, arrantzaleak, sorginak, kontrabandistak, gaurko neska-mutil gazteak… Euskal Herria ez dute mapetan agertzen, baina ikusten duzun bezala, izena duena bada. ------------------------- Joseba Aurkenerena Barandiaran. 1956an jaiotako gipuzkoarra da, aspaldian Lapurdiko Urruñan bizi dena. Lanbidez irakaslea da Irungo Txingudi Bigarren Hezkuntzako Institutuan, eta zaletasunez, beste arlo askoren artean, idazlea. Ama ataundarra dauka, eta sehaskatik lotura handia eduki du euskal mitoarekin. Hori dela eta, gure mitologiak presentzia nabarmena hartzen du bere liburuetan. Ipuingintzan hauek dira plazaratu dituen liburuak: Lezoko ipuin inoizkoak (1997), Harribeltzetaren trilogia osatzen duten Harribeltzetako ipuinak (2001), Makurmendiren magalean (2002) eta Harribeltzeta nire gogoan (2004) izeneko liburuak; eta gaurko euskal gizartea modu umoretsuan islatzen duen Hodei ororen azpian (2005). Bestela ere, baditu beste zenbait liburu plazaratuta: Euskal sinesmen zaharrak (1999) saiakera, beste bi lagunekin jorratutako hiztegi bereziak: Irainka. Euskal irainen bilduma eta Haur hizkera – biak 1999an kaleratuta---; eta horrez gain, Iparraldeari buruzko bi kronika-liburu: Iparraldeko kronikak (2003) eta Iparraldean gaindi (2006).
booktegi.eus http://www.susa-literatura.eus/ HARKAITZ CANO Paradisuaren ifrentzua Boeing 767 Bueltako ogia Berridazketa Hitzaurrea Bitakora kaierean, honako hau irakur dezakegu: ‘[…] oraintsu arte ia erabat sinonimo izan dira asko eta anitz […] Baina, orain dela urte batzuk, Hegoaldekoren batek Iparraldeko autoreren baten esaldiren bat hartuko zuen, […] gaizki interpretatu, […] eta ondorioz aterako zuen anitz horrek “plurala”-edo esan nahi zuela’. Ibon Sarasolaren baimenarekin, Harkaitz Canoren lana deskribatzeko, asko eta anitz –bigarren hitza “plurala”-edo esanahiarekin– erabili nahi ditut . Egunkaria inoiz begiratzen dugun guztiok, baita irrati-entzuleok ere, badakigu lasartearra argitalpen askokoa dela: Harkaitzen albisterik ez duten asteak gutxi izaten dira Euskal Herrian. Bestetik, literatura-irakurleok Canoren kanona anitza dela argi dugu (Hegoaldeko esanahi modernoan). Gainera, Wikipediako ‘Sakontzeko, irakurri: «Harkaitz Canoren lanen zerrenda»’ esteka sakatu ondoren, genero-aberastasun hori agerian geratzen zaigu. Ipuingintzan ere, anitza da Harkaitzen lana; alegia, ipuin bakoitzean, hainbat tresna erabiltzen ditu, zenbait ezaugarri ikusten dizkiogu kontakizun bakoitzari. Ingalaterrako Nottingham hiriak, gutxienez, bi sortzaile handi eman dizkigu: Tindersticks musika-taldea eta DH Lawrence idazlea. Eleberrigileak hauxe aholkatu zigun: ‘Never trust the teller, trust the tale’; hau da, ‘Kontalariaz ez fidatu inoiz, konkakizunaz fidatu baizik.’ Egia da janari-argazkiak dituzten jatetxeak ez direla onenak izaten; eta, liburu bateko azalean, liburuaren izenburua idazlearen izena baino txikiago badago, gaizki. Baina, nire iritziz, kontalariek ere badute zer esan kontakizunetan, baita Paradisuaren ifrentzua honetan ere. Kontalarien ahotsek –eta ez idazlearenak– irakurlearekiko harremana sortzen dute. Boeing 767 istorioan, ahots hori barrukoa da, izena ezagutzen ez diogun protagonistaren pentsamenduak adierazten dituena. Guri, irakurleoi, ez digu ezer esaten: isilik esaten duena bere buruarentzako ideia-fragmentuak dira. Adrenalinak eta beldurrak bultzatuta eta nahasita, burutazio horiek koherentziarik gabekoak dira; baina, testuan barrena gabiltzala, pertsonaiaren egoeraz ondo jabetzen gara, baita sentsazioez ere. Ipuin horretan, Canok action painting teknikak aprobetxatu ditu, eta, hala, margolanari forma eman dio osatzen ez diren pintzelakadak erabiliz. Bueltako ogian, zuzen hitz egiten digu pertsonaia bakar batek, eta badakigu ogibidez zer den: ‘Idazleok eta jende desokupatuak horrela fitxatzen dugu egunero gure bulegoan, gure faktoria imajinarioan: baguette bat eta Le Monde erosiz.” Ipuinean zehar, hainbat idazle ospetsu aipatzen dira: Cioran, Duras, Tzara, Baudelaire, Vallejo, Cortazar, Beckett… Nolabait, Bueltako ogia metaliteratura dela esan dezakegu, non idazleak berak, Harkaitz Cano berak, egiten ari denaren inguruan idazten digun. Berridazketan ere idazle bat baino gehiago ditugu, eta protagonistaren aita polizia-nobela idazle erretiratua da. Pertsonaia nagusiaren ahotsak aita, aitaren jarduera ezohikoa eta dilema modu hurbilean deskribatzen dizkigu: ‘Aukeratu beharra dago: gizakia leial izan dakioke bere buruari, edo leial izan dakieke gainerakoei’. Gure gurasoen portaeran ikusten dugunak gure buruaren gainean ere gauza asko kontatzen ote dizkigu? Beraz, istorio hauetan kontalari bana dugu, eta horrela, besteak beste, Harkaitz Canoren lanaren aniztasuna ikusten dugu. Aldi berean, ipuin hauek bestelako hainbat ezaugarri eta zenbait gai amankomunean dituzte. Baina horren gainean ez dizuet gehiago kontatuko –spoilerrik ez–; norberak nahi duena ikus dezan, eta kontakizunez goza. Aritz Branton Donostia, 2017ko martxoan Boeing 767 hainbeste beldurtu, pasatuko da hau ere, zer gertatuko da ba, merezi izan du eta aski da, Harry Potter dirudi, baina Harry Potter pakistandarra, kimioterapia egin beharrik ez, onartzen dut jainkoen zigorra, ez, mesedez, ez, zergatik joanerakoan, itzulerakoan gertatu besterik ez, nork esan dezake Metropolitanean La Bohème ikusi duenik ohaide izan dituen bi emakume zoragarri albo banatan izanda, Walter Pensacola alua nirekin batera hilko duk behintzat, putakumeak aurre hartu nahi zidaan Sintasolen salmentekin, orain ikusiko duzue zer den ona, orain ikusiko duzue zer den garrasi egitea, kendu ba labana, kakanarru bat duk, itxaropena da galtzen den azkena, oraintxe galdu dudalako dakit, trilogiako azken alea nola bukatuko ote da, bye bye, gizontxo, que os den, jainkoarengan ez dut federik, baina aukeran nahiago jainko asko dauzkaten erlijioak, montaña rusa al da, ama, montaña rusa al da, beste mezu bat utzi behar nion Orlandori erantzungailuan, ez hain patetikoa, eta mobilean grabatzen badut, aurkituko ote dute onik trastea, bada giltza bat armairu gaineko sobre gorri batean, giltza horrek zerako tiradera irekitzen du, esango dut, bizitza asegurua eskaini zidatenean, klikatu genuen ala ez genuen klikatu, badaezpada hobe da hegazkin txartelak beti Visarekin ordaintzea, suge larruzko bota zuri horiek bai ederrak, eder direnez zapatak, ederra behar du haiek soinean dituzula hiltzea ere, edo ni bezala haiei begira, bitxia hauxe, hil beharrak berak baino gehiago izorratzen nau ondoan zokormazo inpresentable hau dudala hiltzeak, larrialdietako irteeraren ondoan, beharrik, okerragoa litzateke hiesarekin gaixotuko banintz, konparazio, leuzemia, esklerosi anizkoitza, si tú me dices ven, ez dago koberturarik, sesio bikoitza Bellas Artes zineman, ikusiko dugu egia ote den zure bizitza film batean bezala begien aurretik igarotzen zaizun kalaka hori dena, hogeita zazpi, Amy Winehousek eta Jim Morrisonek bezala, heganeskak batez bestekoa baino zaharragoak ziren, azafatoak homosexualak dira denak, susmatu behar genuen zerbait ez zihoala ondo, hamahirugarren ilaran nago, agidanez, Lifevest Under Your Seat, beharrik, hijo de la chingada, hijo de la gran chingada, chinga a tu madre, Walt Disney, ñam ñam, grask grask, guau guau, bua bua, snif snif, contigo mi vida quiero vivir la vida, superbotereak dauzkat, this is a perfect day, drinking sangria in the park, behin bakarrik izan nintzen desleial, baina beranduegi da orain inkesta batean aitortzeko, haurdun geratu ez banintz ez niokeen nire buruari hiltzaile esango, asesino, haxix hitzarekin zerikusia duen hitz bat da, Smoking in the Lavatory is Strictly Forbidden, zein ote da zeraren batez bestekoa hegaldi honetako bidaiari guztiak kontuan hartuz gero, zera zer den, ba zera, zer izango da ba, erre egin behar nituen gutunak, neskapote ederra zegoen ahizpa txikia, eta ni zaharrenarekin kateatu behar, arima ihesi doakit azken esaldi honekin, Boeing bat da hau, ala Airbus bat, konpañero, Fokker bat, fucker bat, fuck bat, zer kostatzen da telefono dei bat, ei zu, berradiskidetu egin behar genuen, garaiz berradiskidetu, business class, oh, my darling, oh my darling Clementine, heriotza dugu zain, bidaiari sarriaren Golden txartela izan arren, ez dut lagun gehiago galduko, ni galduko nauzue, aldiz, tú a Bostón y yo a California, galtzaile bat naiz, beti jakin izan dut, garaiz onartu behar nuen hori, gafitas hori talibana al da, zulatuta daukat galtzerdi bat, ezabatu egin behar nituen ordenagailutik Jenniferrekin atera nituen argazkiak, errapeak miazkatzen nizkiona behintzat, ez ni besarkatu, beltz zikina, you nigger, baina Yetia existitzen da, bai ala ez, y lo que me queda de vida quiero vivir contigo, are you talking to me, hondoratu baietz denak ni gabe, enpresa, familia, hondoratu baietz, orain jada beranduegi da, arre edo iso, testamentua egiteko ordua, King Kong izan al da, ama, zer da profezia bat, desio dugunaren kontrakoa da profezia, ume, eta aurresaten dugu bete dadin desio duguna eta ez profezia bera, ez dut ulertzen, ama, Coral Gableseko etxeak bilobari uzten dizkiot, bakarra baino ez zitzaidanean geratzen, laugarren mailakoa, procesal, suerte que mis pechos son pequeños y no los confundes con montañas, lero, lero, lero, hau nik adina merezi duenik ba ote batere hegazkin honetan, nik ere aitortzen diat bizi izana, Pablo (eta edan izana, edan), dos gardenias para ti, con ellas quiero decir, eskala gehiagorik ez JFKko itxarongela nazkagarrian, David Brubeck Take Five, Herbie Hancock Cantaloupe Island, you sinner, stand up and clap your hands, uste baino lasaiago ez ote dago, bada, jendea, esan nahi dut, dadas las circunstancias, I’m Spiderman, nadie es perfecto, Carolina del Norte está más muerta que, Municheko Paulaner gozoa, litro bete goizeko seietan dastatzen duten broker eleganteak arraiaz orraztuta, gomina, gomina, gomina, banekien, behin bakarrean larrua jo gabe hilko nintzela, non daude mentazko fisherman’s karameluak behar dituzunean, kale edo bale, autoz joan behar genuen bakantzetan, zapore metaliko hau ahoan, pasta or chicken, and you, madame, chicken or pasta, yes, of course, we do have tomato juice, do you like it with pepper, salt and lemmon, sir, zertara dator hainbesteko iskanbila, ezin al du hemen kristauak lorik egin, kristauak hain zuzen ere ez, bihotza geratuko zaidan une exaktoa, bizarra moztu behar nuen, hora de la muerte halako eta halako, asmatu du horoskopoak, Rosaura, zaude isilik haurra, ez egin negarrik, zergatik dira gonbito egiteko poltsak paperezkoak, eta Beatrizek hiru urte baino ez ditu, bete gabe, izan gaitezen krudelago, izan gaitezen samurrago, har ditzagun arrisku gehiago, eta egin ditzagun hiru gauzak aldi berean, everybody now, CIAk edo herederoek nire e-mailen arrastoa ez segitzea espero dut, ezabatutako e-mailak ere ikertzen omen dituzte orain, askoz interesgarriagoak, jakina, esadazu zer botatzen duzun zaborretara eta esango dizut nor zaren, cinco sirenitas te llevarán por caminos de algas y de coral, otorrinolaringologo, zein harro sentitu nintzen hitz hori esan nuen lehen aldian, azioa ederra, gaztetxoaren pozak eta bizitza fantasia enormea da oraindik, urre koloreko baldosen bideari segi, zertarako egin nintzen odol emaile, nire odola unibertsala delako literatura ona bezala, orduan, esan dezaket gutxi batzuei jo niela behintzat, milikaldia egin eta erdi haserretu zitzaidan Denverreko kontrabaxu-jotzailea aintzakotzat hartuta hamaikari, zehazki, aire girotua ederki dabil, zorionez, honetarako ipini zidaten giltzurrun berria, bidaiatzeko, ezta, Erromako Trastevere auzoan primitivo ardo hura, Veneziako hoteleko gela hartan euria sartzen eta gu leihoko maratilarekin borrokan, hori zen paradisua, maratila bat da paradisua, garaiz heltzea da paradisua, maratilari garaiz heltzea, ez goizegi baina ezta beranduegi ere, leku egokian une aproposean, Emergency Exit, haragia da paradisua, trenak eta zaldiak estimatzea, gonaduna belauna belaunaren gainean pausatu eta gero agerian geratu zen belaun zatia gona beherantz tiratuz ezkutatzen, eklipse totala Machu Picchun, Empire Stateko ikusmira, Le Big Mac, Stonehengeko kromletxa, lehen koka lerroa eta azkena, ile-lehorgailua etxean ahaztu nuen, edonola ere, eso que te, eso que nos, baldin bait ere hegaldia galdu izan banu, Dusseldorf 1 Terminaleko komunean Milango fisio harekin txortan egin nuen hartan bezala, connecting flights, flights and more, oh my God, oh yes, oh, don’t stop now dear, Monteverdi, Haendelen kantatak, Albert Camus, baggage claim, beti ahazten zait, oporrak Cuscon edo Jaliscon, buffet libreko pultsera, baina zertarako saiatu, dena ahaztura izango bada jada, labirinto bat, hilkutxa bertikalak, Montblancera igo nintzen, behintzat, eta Cervinora, segurtasun ziztrin baten truke bere askatasunari uko egiten dion herri batek ez du ez segurtasun ez askatasunik merezi, esloganik ez orain, faborez, luzeegia da gainera eslogan izateko, nork esan zuen hori, Benjamin Franklinek, baina eslogana ez bada zer, hilartitza, barka ez altxatzea, komunera joateko da, arren, the walk of life, ventanilla o pasillo, aireportutik erdigunerainoko taxiaren hirurogei dolarrak aurreztuko dituk, pagotxa, Washingtonen gurasoak ikustea zen asmoa eta zeruan aitona-amonak ikusiko ditugu azkenean, laztana, txikitxo, nire begietako nini, asaba zaharren baratzeko kalabazatxo, izango al da Quebec independente inoiz, it’s a cold and it’s a broken hallelujah, baina inoiz ez dut jakin zer den hallelujah zehazki, egia esan, propinak kalkulatzearen nekea, kredituaren amortizazioa, zergak, kontabilitate saileko Rachel, berriro hasi beharko dugu, da cappo, akabo, hori zen dena, beraz, deus ez pentsatzea omen da meditatzea, bazkari batean umiliatu egin ninduten behin pentsatu eta meditatzearen arteko ezberdintasuna ez nekielako, eta orain saiatzera noa, ezertan ez pentsatzen saiatzera, meditatzearen eta pentsatzearen arteko ezberdintasun horretan ere ez pentsatzen, Psikosia eta dutxako labana, Nusrat Fateh Ali Khan, ali maula ali maula ali dam dam, harrapatu eta kendu horri labana, Matt, edo iltzatu lepoan borborka geiser hasi arte, txarriboda, hay una guerra, yes indeed, there’s a war, hori beti, bi potrorekin, where the streets have no name, yoga, yoga egitea onena, hanka sartze gehiagorik ez, lagunei hozkia emateko moduko txerrikeria desatseginik egiterik ez, Fasten Your Seatbelts, etxetik estututa etorri naun ni, estropezu gehiagorik ez altzariekin eta kaleko espaloi ertzekin, bracketak hortzetan jarri beharrik ez, ez dut anaiaren eztei egunean speechik bota beharko, bota ditzatela nitaz speechak eta laudatioak nire hiletan, a zer deskantsua, bai mutil ona, beti kasu egiten zuen igogailuan, igogailurik ez geneukan, eskaileretan orduan, zer da errukia, ama, errukia granada bat eskuetan lehertzen zaizunean ingurukoak zipriztintzen dituena da, eta bitartean, bitartean heldu eskutik, I wanna hold your hand, nire diskorik onena grabatu gabe eta nire traje bakarra tintorerian, karu ordaindu nituen eta ez ditu ahizpak nik ekarritako erronbo berdeko txapin zuriak sekula estreinatuko, inork ez du hildako maskotez hitz egiten hegazkin istripuetan, oporretara joateko mania aluba, igualeko geunden gu etxe zuloan goxo, pues vale, pues eso, ilea tindatu behar neketsua, aurten urdina zegoen modan, azul eléctrico azul petróleo, Pasoliniren nobela amaigabea, zenbat gauza amaitu gabe eta ze nezesidade dago amaitzeko, ezta, utzi erdizka mitina, joan ta bila, fini, agur Nobel sariari, hura bai kontzertua, Brucek urte hartan eman zuena, it don’t mean a thing if you ain’t got that swing, non dago nire ezpainetako rougea, ea nork daukan orain txalekua jartzeko barrena eta umorea, urdaila edo gibela, oxigeno maskarak, xanpaina eskatu behar nuen, Lufthansan beti egiten dudan bezala, aizu, baina hau American Airlines da, aizu, baina ni mekazalea izateak ez du esan nahi honekin ados nagoenik, trenkatu, trenkatu zintzurra horri, zerotik hastea nekagarriegia zen, errepikakorregia zen dena jada, jainko maitea, jainko potoloa, mila esker suizidio lagundu honengatik, ni ez nintzatekeen sekula nire kabuz ausartuko, aitaren, semearen eta izpiritu santuaren izenean, amen, amen, amen, more tea anyone, bai mesedez, hartuko nuke more tea, holly ghost, holy shit, holy crap, hirutasun santua, with or without you, mierda, mierda, mierda, le llamaban Trinidad, nik aitaren antza daukat, baina nork izango du nirea, ongi merezia daukagu, hegan egitearen harrokeriak ezin zuen beti doakoa izan, a zer putakeria, beka lortzeko pasatu dudan uda eta gero, du du du, da da da, it’s all I want to say to you, templanza, chico, templanza, ez dut merezi, putakumeok, ez dut hau merezi, zergatik niri, zergatik guri, niri bai, niri bale, baina zergatik nire alabari, because the night, born in the USA, fake empire, trouble will find me, inshalla, arimen elkarte bat da hau, kongregazio aeronautikoa, tipo sentibera izatea zer den, betileak diala balira bezala astinduz gero inguruko guztiek pentsatzen dutena sintoniza dezaket, hegazkin bat lehertzea zer da, abiaduraren tenpluari eginarazi nahi diote zapart, izan nituen, egun zoriontsuak ere izan nituen, nahiz eta orain denak oroitzea kostatu, saia nadin bakarren bat bederen oroitzen, izotz hockeyko atezain nintzela hanka puntarekin in extremis geratutako penaltia, arranguren murruan harrien zurrumurrua entzutea Jerusalemen, Iowa City neguan, elurrez goraino eta egurra gurea ez zen etxe hartako estufan kixkaltzen, Discover Iceland dioen aldizkaria, malko guztiek zapore antzeko eta itsasoa itsasoa besterik ez da, dormida, Alfonsina, vestida de mar, handitzen handitzen, hasi naiz handitzen, non eroriko gara, erori ere eroriko ahal gara ala bidean lehertu, parabola bat, Imposible Germany, unlikely Japan, baiezkoa atera da, zorionak, bikiak dira, positibo eman du, sentitzen dut, sei bat hilabete, gorputz bakoitzak diferente erreakzionatzen du, pertsona bakoitza mundu bat da, esperimentala da tratamendua, sinatu hemen arriskua zure gain hartzeko prest bazaude, Loreen eta Darlene, bi alaba, nireak zirenak gaurtik aurrera munduarentzat, hurrengo bizitzan Hello Kitty, hurrengo bizitzan Doraemon, Plutok ezin du zakur izan bi oinen gainean badabil, ezta ama, ze zakur mota da ba hori, eta ni bermuda eta sandaliekin, Karate Kid, bedeinkatua zure sabeleko fruitua, Jesus, etc., esan nizun nola masturbatu nintzen Rambletako pentsio hartan zuk postaz igorritako gonazpikoekin, aitortzen dut, zaborraren minutuak dira, izorrai ispilu bestaldeko demonio, el espejo se quebró, onena ni neroni izan naiz nire bizitzan, mistakes of my youth, superego baten inplosioa da hau, ahaztura baino ez da geratuko, zulo beltzak, hori ez da berez txarra, akorda zaitezte nitaz tarte batez, inoren minaz pozteko hitz bat bada alemanez Schaudenfreude, eta egin negar, exajeratu gabe, hamar edo hamabost minutuz, ez derrigorrez segidan, koordina zaitezte, txandaka zaitezte negarraren arte noblean eta lana elkartasunez banatu, nire bilobak, nire biloba koitaduak, edo nire seme-alabak, nire seme-alaba zozo eta motzak, fundamentalista zikinak, agur ba, maite zaituztet (oraindik), this is it, ez al zen hori Michael Jacksonek egin ez zuen biraren izenburua, fucking muslims, a zer kiratsa, tapiz horren gaineko gonbitoak Pollocken koadroa dirudi, hasieran kendu behar nion labana, what the hell, putos moros, zergatik ez dio inork labana kendu, nola pasatu du kontrola lehenik eta behin, qué sé yo, tatatá, bizitza ez da hainbesterako, baina ez dago besterik, zer nahi duzu esatea, nire buruari hitz egiteko mania puta hau, es lo que hay, just do it, pilotuak salbatuko gaitu, entrenatuta daude muturreko egoeretarako, militarrak izan ziren lehenago, estatistikoki, zeintzuk ziren aukerak, what are the odds for Christ’s sake, psikofonia bihurtzeko zorian, entzumena da galtzen den azken zentzua, bazenekien, nik ere ez baina orain biok dakigu, judutar ortodoxo batzuk ikusi ditut lehen xerlo kiribil eta guzti, bizar eta guzti, esaldi gorrotagarri gehiago, dena bezala da, es como todo, ya si eso nik deituko, kasu egingo didate, erraustuko naute, ala ez da erraustekorik ere geratuko, confutatis, maledictis, flammis acribus addictis, baina nahiago dut aukeran Verdiren Requiema, requiem hau niretzako idatzi nuen, esan zuen Mozartek, bizitza hau niretzako bizi izan dut, diot nik, esan nezake, egia ote, bai ala, hori esateaz hain ziur zaude, nahikoa izan da, ez dut gehiago behar, dena digitala, zeroak eta batak, batak eta zeroak, me hago una idea, tío, me hago una ligera idea, el todo por la parte, la parte por el todo, foulard honek ez dit sekula zorte onik ekarri, gauza koloretsuegirik ez janztea hobe hurrena, bidaiari ekin aurretik barruko arropa garbia izatearen garrantziaz amak zioena oroitu hurrena, baina zer hurren, zer oroitu, flower power, paz hermano, hitz xaloak ere ironiko bilakatzen dira larritasun uneetan, momentua estutzen denean edo zu estutzera datorrenean, edo datozenean, nortzuk, haiek, polizia zelestiala, pentsatu behar da katastrofeetan distantzia minimo batekin, beti gertatzear baleude bezala, baina hala ere zoriontsu izan eta dotore portatu, till the bitter end, azken orduan etor daiteke barkamena edo inspirazioa edo biak batera, krudelkeria eta samurtasuna eta arriskua batera etor daitezkeen bezala, zuretzat balio badu nahikoa, niretzat balio izan du, kontua ez da biharamunik ez balego bezala bizitzea, etzirik eta batez ere etzidamurik, eta batez ere etziko damurik ez balego bezala bizitzea baizik, zer nahi duzue esatea, ironia da desesperatuen kortesia, gezurrik ez orain, azkena izango da, otra muesca más en el revólver, Trinidad, azken unean etor daitekeena izan liteke sarkasmoa ere, hitz gehiago ez, keinu bat, hartuta dago esaldi hori ere, verrà la morte e avrà, etorriko da heriotza eta izango ditu, izango ditu Afganistango herri galdu batean ahuntzak zaintzen dituen gazte baten begiak, korta usaina, gainean egin dudala uste dut, barka, baina hauta ote nezake azkena, azken esaldia, azken pentsamendua arimen konfederazio honetan superni, Kasia izan zen dudarik gabe onena, hirugarren mailakoa, banatu ondoren berriro ere senarrarekin itzuli zela uste dut, zesta-punta jokalariekin hori gertatzen da, quien tuvo retuvo, eta orain alaba bat daukate, jai-alai blues, youtube, kaligrafia polita eta biribila zeukan, instagram, flickr, polita zegoen haurdun, why me, por qué yo, no sos vos soy yo, zergatik egiten dituzte hegazkinak horren handiak eta astunak, jada ez da gehiago egongo, hegazkin gehiago ez nire bizitzan, c’est tout, c’est fini la comedie, où sont les neiges d’antan, ezkutuko kamera bat balitz hau dena, musu emango banio, luzeegi doa amesgaiztoa, oraintxe eta hemen, barka, jainko maite, bekataria izan naiz, barka nazazu, edo ez, ya total, gutxienez elkar aurkitu dugu bizitzan, laztana, beste batzuek ezin dute hori ere esan, ez dut beste munduan sinesten baina bokazio bat izan dugu, dei bat, sinesmen bat lurrean, garai zaharrengatik, los viejos tiempos, for the old times sake, laburra izan da baina ongi egon da, arkumetxo, si es breve dos veces, maite zaitut, xomorro, handia da Ala ala Ala handia da, xomorro handia, zergatik hago hain hurbil eta hain zurbil, hain zuhurbhil Alhazmi adiskidea, non hago, zer larretan, kendu galoiak kapitainari, zertan geratu ginen ba, zenbat ziren azkenean delako esnezko ibaiak, zenbat emakumezko birjinak, zenbana, gu bion artean fifty fifty banatzeko, ez dago zertan Bueltako ogia Parisen daramatzat egun batzuk. Egunkaria eta ogia beti leku berean erosten dituenean hasten da norbera leku horretara egokitzen, bertako sentitzen. Idazleok eta jende desokupatuak horrela fitxatzen dugu egunero gure bulegoan, gure faktoria imajinarioan: baguette bat eta Le Monde erosiz. Ohean eguerdira arte lokartu eta ogirik eta egunkaririk erosten ez dugun eguna, egun alferrik galdua da. Kontzientzian alferkeriaren erru zama uzten duen eguna. Egia esan, baditut nire zalantzak egunkariaren eta ogiaren kontu hau belaunaldi gazteengana iritsi ez den ohitura zaharkitu bat ez ote den, baina tira, gurasoek igandeetan jarri ziguten zeregin honi fidel atxikitzen gatzaizkio gu behintzat. Interneten titularrak irakurtzearekin konformatzen denak ez daki zer galtzen duen: goizeko lanbroak hezetutako egunkaria hatzetan sentitu eta ogi egin berriak tinta beltzarekin nahasian sortzen duen usainak, nikotinak adina adikzio sortzen duenak, ez dauka preziorik. Ongi zapaldutako orrialdeak irekitzen joatea paisajeak estreinatzeko era bat da, paisaje hauek desolatuak izan arren. Zer egingo gara, lotsatu? Azken erromantikoak izatea tokatu zaigu. Kontua da –erromantizismoaz ari garela, to, auzo oso bat erromantizismoaren flotazio lerroaren kontra– Pigallen bizi naizela orain eta maldan gora egin behar dudala egunero ogia erosteko. Kioskoa topatzeko ez daukat arazorik, baina okindegia ez dut sekula aurkitzen. Arretaz begiratzen dut bidean, ezker-eskuin, baina ez dago modurik. Aldaparen bukaeraraino igo eta deus ez. Aldiz, kale berberean, maldan behera jaisten naizenean topatzen dut beti okindegia. Esango didazue kaleak berdinak direla joaneran eta etorreran, gure begiari zerbaitek ihes egiten diola akaso, baina kalea ez dela aldatzen. Bada nik diotsuet ezetz. Hamaika aldiz saiatu naizela gorako bidean ogia erosten. Alferrik: okindegi hau maldan behera soilik existitzen da. Fenomeno honek gauza asko azalduko lituzkeelakoan nago. Gure arteko konfusio, gaizkiulertu eta ezinikusi askoren funtsa horretantxe datza: maldan gora bilatzen dugu irtenbidea, maldan gora itxaroten diogu hitzordura agertu ez den lagunari, maldan gora nahi dugu ogia, baina bilatzen dugun okindegia, bueltako bidean bakarrik dago. Koadernoan apuntatu dut bueltako ogiari buruzko nire gogoeta. Ez dago norbere kezka eta pentsamenduak koaderno batean idaztea bezalakorik. Idatzitakoak txorakeria zentzugabeak direnean barre egin diezaiokegu guk idatzitakoari, eta txorakeria zentzudunak direnean berriz, txorakeria zentzudunagoak idatzi eta pentsatzen lagun diezagukete. Cioran filosofoaren koadernoak irakurtzen ari naiz egunotan. Aforismoaren eta erran laburren jeneroa gorenera eraman zuen pentsalaria bera. Hil zenean, bere lagunak hogeita hamalau koaderno aurkitu zituen, denak elkarren berdinak. Mesanotxean koaderno itxi bat edukitzen omen zuen, eta lagunak beti koaderno bera zela uste izan bazuen ere, hogeita hamalau ale ezberdin ziren, kolore bereko azala zutenak. Kaiera batzuetako lehen orrialdean zera idatzi zuen: «Koaderno hau suntsitu eta zakarretara botatzeko». Baina hala ere, kontu handiz sailkatu eta gorde zituen koaderno guztiak; Kafkak egin ez zuen eran, Cioranek ere ez zuen norbere lana zaborretara botatzeko ardura mingarria bere gain hartu. Besteak beste, lagun eta ezagunen erretratu gupidagabeak ageri dira koaderno horietan, adiskide hauek X letraz edo inizialekin bakarrik izendatuak ageri diren arren. Pasarte batzuetan izen-deitura osoak idatzi zituen, baina tatxoi nabarmenekin ezabatu zituen gero, koaderno haiek norbaitek irakurriko zituen jakinaren gainean zegoelako, ziur aski. Boligrafoa bere buruari tiro bat emateko gogoa zuenean bakarrik hartzen zuela esan izan zuen behin baino gehiagotan Cioranek. Bere liburuen izenburuak irakurri besterik ez dago bere bizi-koordenadak bakardadearen eta nihilismoaren begietan iltzatuta zituen pentsalari honen nondik norakoak jakiteko: Pentsamenduaren azkena, Garaituen brebiarioa, Desesperazioaren gailurretan... Bere pesimismoari umore beltza baino areago, ironia iluna eransten zion gero. Hona bere koadernoetan topa daitezkeen zenbait burutazio: «Beti egon izan naiz, senaz bederen, galtzaileen alde, nahiz eta haien arrazoiak baliozkoak ez izan». «Hobea da tragedia justizia baino». «Beti bizi izan naiz oinezko bidaiari baten modura, ezer ez edukitzeko nahiarekin. Inoiz ez dut nirea den objekturik izan eta izutu egiten nau gainera, nirea den orok. Hotzikarak erasaten dit norbaiti ‘nire emaztea da’ entzuten diodanean. Metafisikoki ezkongabea naiz». «Zenbaitek beren lehen asma atakea oroitzen duten eran, nire lehen asperkeria atakea dut nik gogoan, bost urte izango nituen». Bizitza osoa suizidioaren inguruan gogoetan aritu ondoren, alzheimer gaitzak harrapatu zuen Cioran. Mihi gaiztoek diotenez, alzheimerraren ondorioz ahaztu egin zituen suizidatzeko betidanik izan zituen asmoak, eta zahartzaroaren ondorioz hil zen, 1995ean, Parisen. Montparnasseko hilerrian dagoela jakin eta maisuari bisita egitea erabaki dut. Kasu honetan, anglosaxoniarrek egiten dutena bezalako bisita izango da nirea: pay a visit. Zorrak ordaindu beharra dago. Hiri handietako kanposantuetara irakurtzera joaten da jendea. Ez da derrigorrezkoa liburu bat eramatea zer irakurria izateko. Bistakoa da hilobien eta liburuen arteko antzekotasuna. Hiri handiko kanposantuetan mapak banatzen dituzte sarreran, hildako ilustreak bisitatu eta libururik ekarri ez dutenak ere esku hutsik ez uzteko. Montparnasseko hilerrian, adibidez, Marguerite Duras 21. zenbakia da, Tristan Tzara 8.a, Baudelaire 6.a. Futbol talde bateko kamisetak bailiran. Hilobi batzuk aise aurkitzen dira, beste batzuk berriz, gugandik ihesi dabiltzala ematen du, hil ondoren ere beren miresleei itzuri egin nahiko baliete bezala. Cioranen hilobia da nik topatu nahi dudana. Aforismoen maisu zenak bere azken orrialdean zer idatzi ote zuen jakin nahi dut. Cioranen bila nabilela, ordea, Cesar Vallejoren hilobia topatu dut lehenbizi ustekabean («Hainbeste elur dago nire baitan, zu lo zaudelako»). Elurra beti, Vallejorenean. Beste poema gogoangarri harekin akordatu naiz hilartitzeko elurraren aipua irakurtzean: «amak berokiaren lepoa lotzen dit, ez elurra ari duelako, elurra egin dezan baizik». Bere lehen liburuko lehen poema zen, eta han zen jada elurra, hilartitzean bezalaxe hastapenean. Cioran errumaniarraren bila ni, eta hara non, Euskal Herriarekin lotutako poeta batengana ekarri nauen ibilaldiak: Durangoko hondakinei hileta erredoblea jo ziena, Vallejo; Gernika eta Bilbo gogoan izanda idatzi zuen poeta errepublikazalea, Vallejo. Piedra negra sobre una piedra blanca. «Parisen hilko naiz ekaitz egun batez / jadanik oroitzapenean dudan eguntto batean. / Parisen hilko naiz –eta hala ere ez dut alde eginen– / ostegun batez...». Ia asmatu zuen Cesar Vallejok: ostiralez hil zen, goizeko hamarrak artean jo gabe, harri beltza harri zuriaren gainean. Inguratu naiz Vallejo, zure hilobiraino. Eta ez da nahikoa. Ez zara altxa. Gehiagok etorri behar genuke zu piztu zaitezen. Baina ez zait oraindik niri Vallejo itzali. Bera ere ibilia baitzen Parisen, ogiaren xerka: «gizon bat pasatzen da lepoan ogia hartuta / Lagun hurkoaz idatzi behar ote dut orain?». Nik aurkitzen ez dudan goranzko okindegian geratu bide zen Cesar Vallejo, betiko? Zirrara batek erdibitu nau. Julio Cortazarren hilobia izan da hurrena. Harri koskorrak, gaztaina erreak –horiek ote Vallejoren harri beltzak harri zuriaren gainean?–, norbaitek utzitako orrialde zimurtua ere hantxe, Cortazar Carol Dunlopen konpainian datzan hilobian. Lagun zaharren artean nagoela sentitzen dut oraintxe, une alkoholiko gisako baten zelebrantzan ari naizela; euforia suerte honek ez dit, ordea, zutik egotea galarazten, abantaila hori daukat. Eugene Ionesco ere inguruan dabil: «Otoitz egin, ez dakit nori. Zain nago». Harengandik ez oso urruti, Samuel Beckett, oraindik Godoten esperoan. Zain egotea ogibide ederra baita, zain ez gaudenean ere zain gaude, ustekabean. Badago zain egote bat, bizitzako gainerako ekintza guztiak biltzen dituena. Ionesco eta Beckett, eskua hilobitik ateraz gero elkar agurtzeko moduan jarrita daude, barne-patio batean balkoitik balkoira ttottor ari den sardinera parea bezain gertu. Cioranen hilobia baino lehenago, ezustean, mapari erreparatu gabe topatu ditut horiek denak. Zergatik ote? Cioranen liburuak irakurri aurretik beste horiek guztienak irakurtzea komeni dela esan nahi didate, beharbada? Okindegia gorako bidean ez, baizik eta beherakoan soilik existitzen den era berean, Cioranen hilobia ere, ez da akaso beste inola ere existitzen, ezpada Duras-Tzara-Baudelaire-Vallejo-Cortazar-Iones-co-Beckett geltokien ondoren. Hilerria –liburua– ixteko ordua da ia Cioran topatu dudanerako: harlauzarik soilena. Lagunaren izena eta berea. Lau data. Bi jaiotzakoak. Bi heriotzakoak. Harria jo dut, kax-kax, etxean ez dagoen lagun baten atea jotzen dugun legez, etxean ez dagoen jakitun txirrinari luze sakatzen dionak bezala, etxean egon izan balitz atea inolaz ere jotzera ausartuko ez ginatekeen eran. Hilobia oinez inguratu eta ikuskatu dut gero, ez hilobi bat begiratzen den eran, baizik eta oso moduz erostear naizen bigarren eskuko Volkswagen zuria balitz bezala. Oinen azpian bada halako lur hutsaren bertigo bat, hartxintxar askeen marruskadura belarri ertzean, gaizki zigilatutako zementuaren sentipena, halako anklaje falta bat zutikakoaren bertikaltasunean. Zapata zolarekin irakurtzekoa duk azken aforismoa, pentsatu dut. Berridazketa From beneath his slouched hat Ahab dropped a tear into the sea; nor did all the Pacific contain such wealth as that one wee drop. Herman Melville, Moby Dick -Asteazkenean etorriko naiz berriro. Zerbait ekartzea nahi? -Etxabe horren beste libururen bat lortzerik balego... Ezin esan aita sekula idazle arrakastatsua izan zenik. Dozena bat nobelatik gora eta bizpahiru poema bilduma argitaratu zituen, baina haietakoren batek harrera ona izan arren, aspaldi daude denak ala denak katalogotik kanpo, paper-ore bihurtu eta birziklaturik, edo, kasurik onenean, okasiozko edo bigarren eskuko liburuen azoka badaezpadakoetan barreiaturik. Buruiritziak eta hantusteak diren idazle askok ez bezala, aitak beti onartu izan zuen bere neurria. Idazle izatea ogibidea zen harentzat, bizimodua ateratzeko modu bat: hirurogeita bost urte bete zituenean erretiroa hartu eta pentsio koskor bat kobratzen hasi zen, edozein langile bezala. Gogoratua izateak edo ez, posteridadeak, horrek ez zuen sobera kezkatzen. Utzi egin zion idazteari, eta ez horregatik bilakatu zen zorigaiztokoago. Ez zuen “literaturaren pozoian” sinesten: gogotik barre egiten zuen egoak eragindako kalenturen lepotik. Haatik, ondo gogoan daukat anaia eta biok nola liluratzen gintuen txikitan idazmakinaren fabrika hots mekanikoak, mahairantz konkortuta bere bulegoan idazten zuenean. Artisaua baitzen aita, ez inondik ere, idazle tormentatua. Anaia edo ni ikustea aski, idazmakina bazterrean utzi eta gurekin jolasera batzeko. Argi eta garbi bereizten zuen zer zen benetako bizitza; eta hura, liburuetatik aparte zegoen zerbait zen beti. Gaixotasunak aurrera egin ahala berak idatzitakoak oro ahaztea, ez zitzaidan, honenbestez, hain larria iruditu. Ez zuen sekula bere polizi-nobelekiko sobera atxikimendu sentitu. “Dirua irabazteko” idazten zituela aitortzen zuen, elkarrizketatzen zuten aldi urrietan. Egoitzako leiho ondoan topatu genuen behin emazteak eta biok bere aspaldiko liburu batean erabat murgil: “Etxabe honek bai, badaki idazten... Asko balio du morroi honek, irakurri duzue?”. Txantxatzat hartuko genukeen beste edozein egoeratan, baina han ez zen txantxarik. Zertan ariko eta, berak idatzitako liburuak irakurtzen ari zen, erabat ezezaguna zitzaion idazle batenak balira bezala. Harritu aurpegia ere jartzen zuen orrialdeak pasatu ahala, eta txalo jotzen zuen tarteka (“Ona, txo, ona!”), irribarrea erantzi gabe, ezustez ezuste doan irakurle txunditu. Egia bazen idazle bakoitzak irakurri nahiko lukeen huraxe besterik ez duela idazten, aitak bete betean asmatu zuela esan behar: idatzi, idatzitakoa mingarriro ahantzi, eta, itxura guztien arabera, gozatu egiten zuen orain ahaztutako hura berriro irakurritakoan. Etxaberen liburuak eskatzen zizkigun, eta anaiak Raymond Chandler, Jean-Claude Izzo, Patricia Highsmith edo eta Fred Vargasen nobelak eramaten zizkion arren, muzin egiten zien denei. Berak idatzitakoak bakarrik nahi zituen. Etxaberenak. Ez zuen besterik nahi. Egoitzako sendagileekin mintzatu ginen: komeni ote zen aitari egia esatea? Bera zela, alegia, eta ez beste inor, hainbeste gustatzen zitzaizkion liburu haien egile? Ezezko aholkua jaso genuen. Handiegia zen tentazioa, hala ere: liburuaren kontrazalean ageri zen aitaren gaztetako argazkiari begira nengoen batean, galdetu nion gizon hark ez ote zion inor gogora ekartzen. Ez ulertuarena egin zuen, edo, sinpleki, ez zuen ulertu. Ze antz zuen, egiaz, argazkiko gizon segail eta ilaje harroko hark orain zen agurearekin? Ez zen harritzekoa bere burua ez ezagutzea: lanak nituen nik ere bi-biak berbera zirenik sinesten. Apur bat beldur ginen zer gertatuko ote zen aitak bere azken liburua irakurtzen zuenean. Berriro hasiko ote zen banan-banan denak berrirakurtzen? “Aitona ikustera igoko gara gaur, Irati”. Alabak ez zuen egoitzara joan nahi izaten. Konformatu zen azkenean, ordea. “Baina ni bakarrik ez”. Panpinaz bete zidan kotxea. Bidean gindoazela, panpina guztien izenak galdetu nizkion. -Nola izena du tigreak? -Ander. -Eta elefanteak? -Ander baita ere. -Eta ardiak? -Ardiak Ander izena du. “Denok gara Ander, beraz”, nik nire artean. -Eta nola bereiziko duzu nor den Ander tigrea eta nor Ander elefantea, biek izen berbera badute? -Oso erraz: bat elefantea delako eta bestea tigrea. Ikaragarria da zein leloa den aitatxo, batzuetan. Jakina. Haurren logika huts egin ezinezko hori. Autoa egoitzako aparkalekuan utzi eta besapean sartzen zitzaizkigun Ander guztiak hartuta abiatu ginen aitaren gelarantz (tigreari, elefanteari eta ardiari, bi behi eta Ander olagarroa gehitu behar izan genizkien: peluxe familia ugaria ginen Ander Enean). -Etxabe jauna irakurtzen ari da, baina aldaketa txiki bat sumatuko duzu –gaztigatu zidan erizainetako batek, serio antzean. -Aldaketa bat? -Zerorrek ikustea onena. Errezeloa sortu zitzaidan. Ez ziren egoitza hartan txutxu-mutxuka eta hitz erdiekin ibili zale. “Irati, eman patxo bat aitonari”. Besapean zituen panpinak askatu gabe eman zion. Ilunpean ari zen irakurtzen, eta nik zutikako argia piztuagatik ez zen kontua aski hobetu. Gela haiek ez zeuden idazle egoitza bezala pentsatuta, barren. Disimuluz saiatu nintzen liburuaren izenburua itzal artean bereizten. Boligrafo gorri bat zeukan aitak eskuan. “Gaur ezingo dizuet kasu askorik egin. Lanpetu antzean nabil... Berrargitalpen bat egitera doaz eta nire liburua zuzentzeko eskatu didate argitaletxekoek...” Harri eta zur geratu nintzen. Orain bai, oroitzen zuen bere ogibidea? Bere liburuak zuzentzen hasi ote zen benetan, garai batean bezala, zirrimarra gorriz eta tatxoiez? Iratik panpina ejertzitoa ohean ipini zuen, jakin-minez. Haien ondoan eseri zen bera ere, lerro-lerro, aita eta biok Ander familia osoarentzat ikuskizun bat antzeztera bagindoaz bezala. Liburuari txakur belarria egin eta besaulkian utzi zuen aitak. Autorearen izena ikusi nuen lehenbizi. Melville, Herman, maiuskulaz. Eta gero izenburua, letra etzanean: Moby Dick. “Atal batzuk kenduko dizkiodala uste dut. Idatzi nuenean ez nintzen aski sintetiko ibili”. Liburua esku artean hartu eta gainetik begiratu nion: paragrafo asko ezabaturik zeuden, eta zuzenketa txikiak zituzten beste askok, hizki ñimiño eta biribilduz eginak denak. Bortitz samar kendu zidan liburua eskuetatik, bere diarioa irakurtzen harrapatu banindu bezala. Gero, zakarkeriaz damututa edo, zenbait pasarte ozenki irakurtzen hasi zen, beretik jator konfesatzen ari denaren legean. -“Zahartzaro hau, bigarren gaztaro baten loratzearekin nahasten dela dirudi”, hau ez dut ezabatuko, jakina. Zuk ere ez zenuke egingo, ezta? -Gehiago iruditzen zait azpimarratzekoa. -Bai, hori uste dut nik ere: “Jainkoari obedituz gero, ezin geure buruari obeditu, eta, hain zuzen ere, geure buruari ez obeditze horretantxe datza Jainkoari men egitea”. Hau aldatu egin beharko litzateke, gehiago gustatzen zait Arthur Millerren pertsonaia hark zioena, gaurkotuagoa: “Aukeratu beharra dago: gizakia leial izan dakioke bere buruari, edo leial izan dakieke gainerakoei. Gainerakoei leial eta norbere buruari leial izatea, hori, ezinezkoa da”. Harri eta zur uzten ninduen. Apenas ezagutzen gintuen, edo bere garai bateko balizko editorearekin nahasten ninduen ni tarteka, eta, hala ere, beldurra emateko moduko argitasuna zuen berridazketa kontu haietarako. Eskumuturretik heldu zidan. -“Mundu honetan, adiskide maiteok, bekatuak badu bere bidai-txartela ordaindu eta pasaporterik gabe bidaiatzeko adina ahalmen, eta, aldiz, bertutea, pobrea bada behintzat, muga guztietan geraraziko dute”. Ados zaude? -Albistegiak ikusi besterik ez dago. -“Ez da munduan bertuterik, kontrastetik ez datorrenik”. Hau erizainentzat da ona: “Hobe kapitain siku batekin bidaiatu, kapitain irribarretsu batekin baino”. Hemen irribarre egiten didate egunero, konbertsazioa ez emateagatik. -Horretarako gaude gu. -Bide batez, nor da ume hori? -Irati, gure alaba. Zure biloba. Aspaldi utzi zion sofritzeari. Arreta gehiagoz begiratzen zion peluxezko olagarroari, bilobari baino. Melvilleren eragina, agian. Sorbaldan jarri nion eskua. Haren izenak ihes egiten zidan jaraberen baten kutsu kimikoa zerion bere hatsari. “Usain hori izango dik egunen batean hire hatsak ere”, esan nion nire buruari. “Egun hori iristean ez dut hitz erdirik ere egingo, mututu egin behar nuke betirako. Baina, konturatuko ote naiz egun hori iritsi dela?”. Kontu beldurgarria da fermentazioa, gazte hiltzea hain txarra ere ez dela pentsatzera zaramatzan zerbait. “Ai, seme, jende zaharra esna egoten da beti, zenbat eta bizitza insomnean korapilatuago, orduan eta heriotzarengandik aparteago bageunde bezala! Ez al da patetikoa?” Ezin jakin hitz haiek bereak ziren, edo Melvillerenak. Idazle asko izan ohi dira insomne. Arrazoia zuen, hala ere. Eta seme deitzen zidan, gainera, arratsalde hartan lehen aldiz. Erizain irribarretsu horietako bat azaldu zen, antzezle bokazioa oso barneratua zuena. Zer moduz, Martin?, hilabete asko zeramatzan teatro lan hark hiriburuko karteldegian, nonbait. “Zer moduz, Martin? Afaltzeko ordua dugu”. Aitak begia kliskatu zidan. Lehenaz gain, txotxongilo bihurtu zuen bere burua, hatz lodiarekin eta erakuslearekin bere ahoko axal eroria gorantz tinkatuz, “ikusten zer esaten nizun?”. Hobe kapitain siku batekin bidaiatu, kapitain irribarretsu batekin baino. Nik ere irribarre egin nion, baina sudurretik airea bota eta lepoa atzerantz okertuz soilik, hortzik erakutsi gabe. Siku egin nion irribarre. Halakoak ginen etxean. Irribarre sikukoak. Alaba eta biok bakarrik geratu ginenean, eskuetan hartu nuen berriz Moby Dick liburukotea. Azpimarratutako pasarte gehiago irakurri nituen: “Lagun maitea, mundu honetan ez da hain erraza gauza xumeak egitea. Beti iruditu izan zaizkit gauza xumeak egiten zailenak”. Edo, galdera ikur batekin: “Beha gizadia bere osotasunean eta ikusiko duzu gizon-emakumeak, gehien gehienak, alferrik bikoiztutako kopia saldo bat besterik ez direla”. -Bagoaz etxera? Aitonak oso ipuin arraroak kontatzen ditu. -Zaude apur batean. Gustura eramango nukeen Moby Dick nirekin, baina zer egin behar zuen orduan aitak? Azpimarratutako azken pasarteak irakurri nituen, Iratik eskutik tiratzen zidan bitartean: “Gaur da eguna oraindik ere ez dena gizakiak zoragarritik eta izugarritik duen guztia hitzetan edo liburuetan sekula paratu”. “Ikusten zer esan nahi nizun, Etxabe jauna?”, erizainak irteeran. Ikusten nuen, bai. Ageriko azalpenik gabe, berak idatzitakoak ahaztetik, besteek idatzitakoak bereak zirela uste izatera igaro zen aitaren memoria matxuratua astebeteko epean. Asteazken hartan hasi eta ohean hilik aurkitu zuten egunera arte pasa ziren sei hilabeteetan, besteak beste, Madame Bovary, Ana Karenina, Harrotasuna eta aurrejuzkuak, Parmako Kartusia eta Katharina Blumen ohore galdua zuzendu zituen, “argitaletxearen enkarguz” beti ere, berak esaten zuenez (Böllen liburuari zuzenketa arin batzuk baino ez zizkion egin). Emazteak eta biok, Irati norekin utzi ez geneukala eta, gurekin eraman genuen hiletara. Ohi zuenez, panpinak berarekin ekarri zituen, besapean peluxezko lepoa estutzen ziela. “Anderri izena aldatzea pentsatu dut”, bota zuen etxera bidean gentozela, ahots kezkatiz. “Alda diezaioket izena?” Baietz esan genion, eta autoko leihatilatik begira jarri zen, paisaiak izen bat emango ote zion esperantzan. Inork izendatu bitartean, izengabe eta mutu zihoazen panpinak, egoitzako erizainek If lurrindegi kateko poltsa batean sartu zituzten literatura unibertsaleko liburukien ondoan.
I Badira sei urte inguru ez dudala nire hiriko alde zaharra zapaltzen, Oviedoko unibertsitatean Aro Berriko Historia irakasteko aukera suertatu zitzaidanez gero. Banoa orain nire jaioterriko betiko lagunen eskutik, gogo handirik ez dut baina. Badakit nola edo hala, gogoz eta bihotzez bakarrik baldin bada, bertan hazi naizela, garela, gure etxeetatik at gogoko zein abaro genuen hiriko auzo ia bakarra zen-eta, ni gizaki gisa benetan koskortutakoa. Izan ere, oraindik gogoan dut bertan igaro nuen azkenaldia, orain dela zazpi urteko uda partea hain zuzen. Banuen doktoretza tesia bukatzeko premia larria eta koadrilako batek bere alde zaharreko pisutxua laga egin zidan, berak oporretan kostalderantz ihes egin orduko. Uda hartako bero sapa ikaragarria izan zen, ezin nuen hitz bat ere idatzi Aro Berriko euskal handiki ilustratuen kontura, nik hautaturiko gaia nola edo hala Euskal Herriaren norabide historikoa eragiteko zein zuritzeko erabilitako argudio zein mitoen iturriak erakustearren. Saiatu, saiatu egin nintzen hamaika aldiz nire idazlana behar bezala taxutzen, txukuntzen, ia txirtxilatzen ere, baita beti alperrik. Banuen gogoa, beharra, zertxobait freskagarria edateko, eta jakina, nire adiskidearen hozkailuan ohiko yogur galduez gain ez zegoen modurik garagardo, sagardo edo inolako ardorik erosketaren egunaz bi egun baino geroago gordetzeko edo. Halako kinka batean, hau da, egarriari ezin eutsiz, ordenagailuko pantailari ezin erreparatuz, bero sapak urtu eginik, kalera jo beharrean nengoen ia arnasestuka. Eta kalean, batez ere Alde Zaharreko hotz eta meharretan, zera, galbidea bakarrik topa dezakezu nik orduan topatu bezala, eta horrek badu delitua orduan hirian lau katu besterik gedatzen ez zirelarik. Sei urte inguru pasa egin dira nire hiriko alde zaharreraino igo ez naizela. Ez zait ezer galdu, erantzun ohi diot nire buruari, hirira bueltan nagoela eta norbaitek bertaraino laguntzeko proposatzen didanean. Nire lagun zein ezagunek ordea auzoa zeharo itxuraldatu egin dela egiaztatu ohi didate, inoiz ez bezala txukun-txukun eta aspaldiko partez ere balioztaturik; baina ni beti entzungor. Ez daukat inolako gogorik betiko kale zahar eta meharretan sisi-saga ibiltzeko, nire nerabezaroko aterpe izan ziren kobazuloetan behin berriro galtzeko, orduko zenbait musurekin ezustean topo egiteko; horrela ibiltzeko propio hiriaren goiko parteraino igotzen da-eta. Banago, ihardesten diet etengabe goazen baka erasotzen didatenei, nahikotxo koskortuta hamasei urteko umemokoen antzera txiribogarik txiriboga ibiltzeko, edanaren edanez edozein kale kantoitan behin berriro goraka egiteko, kantoian bertan txiza ere egin izanagatik auzoko edota udaltzainekin-eta tirabiretan hasteko, bai kantoian bertan eta antzeko beste hamaiketan egundoko atxur batekin noraezean gora eta behera joateko; gazte eta ero, zentzatuko gero. —Gaur hileroko Ertaroko Azoka da, ezin gara faltatu!! ! Nire lau lagunetako Oskarrek hitzegin behar, batez ere nire neskalagun Sarak oraindik behin edo bakarrik joan den alde zaharreraino parranda bila igo gaitezen motibo polit bat izan dezan. —Ez zaizkit batere gustatzen gezurrezko azoka horiek, ez dute apenas zerikusirik Ertaroko egiantzeko ezerekin eta, gainera, badakizue ni Aro Berriko Historia irakaslea naizela, ez zait batere galdu halako txozna edo eskeintza folklorikeko logiko-sasihistoriko zabaleko salgunen ondoan —Esaidazu ba zer egin genezake bestela larunbat goiz sargoritsu batean gurea bezalako hiri txiki eta hits honetan –egin dit arrapostu koadrilako Alaznek, hots, koadrilan beti arrapostu egin ohi didan ia bakarra. —Ez dakit ba, baina halako eguraldi ederra gozatzeko joan gintezke urtegi alderantz... —Nik delako azoka hori ikusi nahiago nuke –erabaki berri du nire laztan asturiarrak. —Goazen ba, baina beldurrak nago jendez gainezka dagoen. Eta beldurtu bezala Alde Zaharraren goiko parterantz doan aldapa luzea zapaldu orduko bidearen bi ertzetan ozta hurrenez hurren zabaltzen zaizkigun txoznetan jende andana ia elkarren gainean pilatuta topatzen dugu. Ez dakit goraino iristeko gauza izango naizen hainbeste jende artean nekatu ala zoratu baino lehenago. Uztaileko bero sapa jendilajearen izerdiaz nahasketan hasiko da eta honekin batera bultzadak, zapalketak eta baten batek daki noiz edo non ostikoak zein zaplastekoak ere bai. Oskar eta Mikelen gorputzarren artean babesten saiatzen naiz bizkartzain gisara, alabaina. Tamalez, nik bi lagunok polito ezagututa badakit ondo baino hobeto euren egarri aseezina nolabait baretzeko asmoz garagardo hornigailuren bat antzeman orduko harantz joango direla ziztu bizian. Eta esan bezala Alde Zaharreko lehenengo karrikaren sarrerara iritsitakoan El Penultimo izeneko taberna barruraino sartu egin dira zoro moduan gainontzekoei eta ia tutik esan gabe. Ni ordea kale erdian geratu naiz Amalia eta Mikelen emazte zein bizi osoko lagun-min dudan Alazneren ondoan. —Ez gara sartuko kobazulo batera, ezin dugu hau bezalako egun eguzkitsu bat barra baten ondoan alperrik galdu –ebatzi du Alaznek. —Noski ezetz, begira gainera zer nolako giro polita dagoen kalean –gaineratu du nire azukre kozkorrak inguratu, bultzatu, zapaldu eta doi-doi kale barrenera arrastaka garamatzan jendetzari erreparatuz. Ganibeteria kalean sakabanatzen diren txozna guztietara luzatzen dituzten bi nesken begietatik ihesi egin nahian nire beste bi lagun zaharren beharra sumatzen hasi naiz behin berriro babes bila. Zoritxarrez, Espainako herri guztietako jakiak zein edariak, ustezko edo sasi artesautza, bertako zein kanpoko edozein borroka politiko-ekologiko-sexologikorekin elkartasun gisako hamaika apain-bitxikeria, aukera aprobetxatuz ere azokaren gai edo leloarekin zerikusirik ez duten tramankulu pila eta abar luze eta batez ere trakets bat eskaintzen dieten saltokiz saltoki ibili eta gero bultza, zapal edota saka egiten ari den jendaldeak kale goienereraino eroan gaitu ia herrestaka. Nazka-nazka eginda nago eta nire bi lagun ikusle-mikusleen asperrezinari muzin eginez Algareria plazatxoraino ailegatutakoan ia ustekabez topatu dudan txozna batera jo egin dut zer edo zer edatearren. —Hemen Galiziako orujoak bakarrik saltzen ditugu, sorgin orujoak, alegia -azaldu egin dit beldurrezko filmetan zein urtero egiten dituzten Inkisizioa eta Euskal Herriko sorginak era- kusketan ikusi ditudan soineko piltzarrez mozorrotuta dagoen eta begi sakon ilunei, sudur luze koskordunari, kokotx zorrotzari zein irrifarre oker ezin maltzurragoari erreparatuz meiga bat besterik begitantzen ez zaidan atsoak. —Tira ba, jendegiro itogarri honi aurre egiteko barrenak behar bezala berotu beharrean nago, emaidazu ba belarrezko bat! –atsoak buztinezko kikara bat luzatzen dit, dzanga-dzanga hustu orduko hiruzpalau bider gehiago bete egingo didana Dagoeneko aurrean irri-maltzur dudan atsoa ez da lehen bigitandu zaidan gizaki beldurgarria, neska lirain eta atsegin bat baino, nik uste limurtzen eta guzti saiatu naizela. Ez litzateke harritzekoa, edaten dudan aldiro sen apurra ziplo galtzen baitut, laster konortea ez baldin bada. Baina, tira ba, kikara ohol gainean lagatzera nindoala atso lirainak ala neska zaharrak ospa egin du. Ez dago inor txozna atzean nire kikara berriro betetzeko eta nik badut, ez gogoa, premia baizik, zurrutean etengabe jarraitzeko. Zain nago marisorgin tabernaria noiz bueltatu. Baina alperrik, ez dator inor. Harentzat kalte, ez baitiot pagatu. Izan ere, atso galiziarraren txozna ondoan dagoen bezero bakarra naiz. Eta bada apurtxo bat kezkatzeko, edo gutxienez zerbait arraro susmatzeko, gainontzeko txosnak mukururaino daude epokaz, hots, Erdi aroko soinekoez edo, mozorrotutako jendearekin. Algara, zer esanik ez, plazaren izenari ohore eginez edo, nagusi da. Badirudi plaza honetan behintzat Udalak Ertaroko jantziez kalera irteteko aldarri egin duen erregua seriotan hartu egin dutela. Nik uste zer edo zer antolatuta dagoela azoka nolabait erakargarriagoa egite aldera, merkatua merkatu. Arrimatzen naiz aldamenekora ogiak edota opilak saltzen dituen gizakote bizardunari ustezko ikuskizunaz galdetzeko asmoz. —Maisu jauna, hemen egin ohi da betidanik osteguneroko azoka. Zigorrak-eta Ganibetaren Enparantzan ematen dituzte. Oso zolia gure bizar sarriko okina, zirtoa estimatzen diot, benetan, baina ez dut gogo handirik denbora txorakerietan alperrik galtzeko, Amalia eta Alazne galdu egin zaizkit eta laster ez topatzekotan errua niri botako didate, noski; non sartu zara, mozkorrontzi hori, gu saihestu eta atoan edanari jo diozu. Ez dut gogorik, baina bai oruxoak edo eragindako gosea. —Zein opil mota da hori? –galdetzen dut. —Arrontzopila, mami barruan arraultz bat daraman opila –erantzun dit okinak benetan harrituta. —Tira ba, bat hartuko dut, zenbat da? —Burdingorrizko Vellón bat. —Zer? Nik euroak bakarrik ditut, erantzuten diot erronkari, eguneko txantxaz aspertzen hasia naiz-eta. —Santxeteen antzekoak baldin badira, niri bost! –begikeinu bat eta guzti egin dit bizar sarrikoak. —Ez dut ezer ulertzen –amore ematen dut dagoeneko asper-asper eginda. —Kanpokoa baldin bazara marabedietan ere ordain dezakezu. —Bai? Ni hemen jaioa naiz orain dela berrogei urte. —Adarra jotzen ari zara, maisu jauna? —Maisu jauna? Nola dakizu zuk irakasle naizela? —Aizu, maisu, ni gizon apala naiz, ez dut arazorik nahi aguazilekin... —Aguazilak-eta badaude, bai performance ederra gaur montatu egin duzuena, baina nik opiltxo bat bakarrik gura dut. —Akabo, aski da! Ez dakit zer arraio da perfomantze hori, baina ez dut ezertan aguantatu behar zure moduko adarjole bat, alde hemendik ala bestela gainegur ederra emango dizut. Banoa, banoa, diot, ez dakit zenbatgarren aldiz. Banoa txunditurik bainoago aztoraturik, ni neu antzezpen honen protagonista edo beharbada bufoi nagusia bakarrik bilakatu nahi nautelakoan. Banoa, bai, karrikan gora noraezean, nigana algaraka datorren giza uholdeak behin berriro ia tatarrez eramana. Badirudi nagoen karrikaren goiko partean, hau da, Done Jurgi katedraleko plazan bertan, beste ikuskizun moduko zer edo zer hastear dagoela. Ez nuen asmorik, ez, baina dagoeneko katedralaren aurrean nago eta ez dut oso gogo zein indar handirik uholdean murgilduta Algareriaraino bultzaka edo ostikoka bueltatzeko. Ez dit axola, esaten diot nire buruari zeharo ganorabako, kalean dagoen giro zoroa, benetan arraroa, bor-bor dago, Amalia eta Alazne parranda zale porrokatuek hain gustuko dutena hain zuzen. Ez dut ezertaz kezkatu beharrik, seguru asko bi neskak ezin gusturako daude horrenbeste titiritero eta purtzilero artean. Baliteke haietako norbaitzukin flirteoan aritzea eta ez naiz ni izango jolas-solasa zapuztuko diedana. Amaliak behintzat badu eskubide osoa noizik behin nirekin esne mamitan bizi dela, geurea amaigabeko ezteibidaia bat bailitzan, inoiz berriro topatu ahal izango ez duen gizonezkorik bikainena naizela une batez ahazteko. Gainera, nik uste bioi ezin hobeto komeni zaigula aspaldiko partez hain estu-estu lotzen gaituen soka sendoa nolabait arintzearren. Alaznek, ordea, eta badakit honekin oso maltzurra izango naizela, ezinbesteko du edonorekin flirteoan aritzea, neska dezente kozkortu egin baitzaigu eta bada garaia bere txortagabetasunarena seriotan har dezan/dezagun. Denontzat onuragarria izango da, batez ere denok etengabean eta edozein huskeriagatik izorratzeko duen joera nola edo hala eta posible baldin bada bakarrik ordu gutxi batzuez alde batera laga dezan. Bien bitartean, eta benetan diot, zerbait egitearren, hainbeste komediante zein mozkorrante artean erabat ez nazkatzeko, honaino ia indarrez ekarri nauen uholde barruan azkenean ez itotzeko, agian ere bi neskekin berriro topo egin arte denpora alperrik galtzeko aukerarik onena, katedralaren ataurrean antzeztekotan dagoenari adi-adi egongo naiz besterik ezean. Badago antzezle pila, gehienak sarebegiz egindako armadurez mozorrotuak, haietako bakan batzuk zaldi gainean, larruzko atorrak zein kapelak janzten dituzten baleztariak eta nire ustez ikuskizunaren nondik norakoak ondo baino hobeto adierazten dituen banderak eta zutoihal bat airean harro-harro eta etengabe astintzen egiten dituzten beste sare-begidun batzuk. Haizeak kulunkatzen duen trapu horian azaltzen den arrano beltza antzeman orduko espero zaiguna benetan negar egiteko modukoa izango delakoan behin berriro ahapeka bakarrik esateko gauza naizen zoazte denak pikutara botatzen dut. Ez dakit zelan lortzen duten, zer-nolako abilezia edota inpunitate-konplizitatea duten betikoek halako saltsetan beti protagonista bilakatzen dituzten ikuskizunak antolatu ahal izateko, gehienon jai gogoa nola edo hala zurrupatzeko, gainontzekoek inola ere begi onez ikusi eta are gutxiago irentsi behar dugun panfletogintza agoantatzeko. Zer pentsa bestela arrano beltza, edo denok dakigun nortzuen ikurra den hegaztiñoa ikusi eta gero, betikoen ekitaldi batean nagoela halabeharrez, gaurko maskaradaren aukera aprobetxatuz antzinateko eta batez ere ustezko euskal/nafar erresuma baten independentzia mitiko-hipotetikoa aldarrikatzeko asmo benetan erotan. Tira ba, badirudi hau dena betiko leloarekin bat datorrela, bazen behin euskaldunak batu eta euskaldunek populaturik zein gobernaturik eta guzti erresuma bat, gutxi gora behera Sangry Lá famatuaren antzekoa, baina vascoiekin, badakizue euskaldun amesgile porrokatu guztiok, Sancho el Fuerte, Sancho el Fuerte si viviera, uniría a los navarros para defender nuestras fronteraaaaas, que ahora ya no son los moros, son cristianos con txisteras... Tira ba, aitortu ere aitortu beharrean nago ezker abertzalekoek sarri baino gehiagotan benetako maskarada burutsu eta barregarriak antolatu ohi dituztela; jakina, behin hauekin batera datorren demagogia sektario-panfletario osoa alde batera utzita. Besterik ezean Done Jurgi katedralaren aurrean paratu naiz ikuskizunari adi-adi eta dagoeneko Amalia eta Alaznerekin zeharo ezaxolaturik, nire ustez beraiek nitaz egin bezala. Eta horra hor mozorroturiko jendilajearengandik ezagun, oso ezaguna nire kalte zein akordurako, dudan personaje bat zaldi gainean eta ezpata handi bat airean astinduz bereizi berri dela. Ezin sinesturik nago, nor bestela, hemengo fakultatean, kontratu fixo barik eta ikasle zein zenbait irakaslerekin etengabeko liskarretan, historia eskolak ematen ari nintzela nire mamu beltz partikularra bilakatu egin zitzaidan Martin Guzurmendi lankidea, Filosofiaren Historia irakaslea, euskal abertzaletasunaren esentzien zaindaria, euskal adarreko gainontzeko irakasleen eredu paregabekoa eta batez ere halabeharrez jarrai beharrekoa, gehienok badaezpada, hau da, egiazko unibertsitate nazional bat eraiki nahi zuten guztientzat maisu bikaina, eta horren hain alde ez geundenontzat ordea salatzaile zein zirikatzaile amorratua, inola ere eta ezer barkatzen ez ziguna, gure saldukeria eta batik bat gure ezkutuko erdaltzaletasuna agerian uzteko beti gertu zegoena. —Pro Libertate Patria Gens Libera State!!! Gora Nafarroako Erresuma, Gora Antso VI.a Azkarra!, Gora Euskal Herria askatuta! —GORAAAA!!! –bertan euren Ertaroko halamoduzko mozorroez harro-harro jantzita, eta ene ustez mozkor-mozkor ere -bestela batzuen aurpegietan nabarmentzen ditudan negarrak edo erabat ulertezinak begitantzen zaizkit-, bildutako guztiak batera. Ez dakit barrez edo iguinez lehertzekotan nagoen, oraingoan bai pailazokeria galanta, baina ez ni harritzeko bezainbeste, fakultatean nengoela banekien nik tipo hau komendiante aparta zela, batez ere zer-nolako antzezpenak egin ohi zituen ikusita, haietako batzuk, gehienetan ETAko ekintzaileren baten atxiloketa salatzeko klase uztea prestatzeko asmotan edo errektoretzaren edozein erabakiren kontra protesta egiteko sinadura bilketa bat antolatzerakoan, eta noski, gogokoen zuen antzeztokia irakasleen klaustroa; ez naiz ni izango Sir Laurence Olivieren antza eta guzti zuela ukatuko ziona. —AIZUE, URRAIZTARROK!, GAZTELAKO ERREGEAREN ARMADAK ZEIN BIZKAIKO LOPE DE HARO JAUN TRAIDOREAREN OSTEEK EZ GAITUZTE MENPERATUKO!!! AURRE EGINGO DIEGU ETSAIOI HIRIA ERRENDATU AURRETIK! IRABAZI ALA HIL!! ! Agian Sir Laurence Olivierekin egindako konparaketa gehiegizkoa izan da. Baina, tira ba, badirudi Guzurmendiren antzezpenak arrakasta handia lortu duela jendaurrean, betiko lez egia esanda. Meritoa, aldiz, ez dut uste oso apartekoa denik, bistan dago katedraleko plazan bildutako gehienok aldez aurretiko publiko esker onekoa dela, publikoa halakoa ez baldin bada beti-beti. Erreparatu besterik ez da egin behar oraindik goraka, purrustaka edo txaloka ari diren aurpegi sutsu zein hunkituetan, haietako asko eta asko hiriko giro abertzaleko taberna, manifa zein mota guztietako ekitaldietatik ezagunak. Guztiz arrotza egiten zaidana, horratik, Guzurmendik antzezten duen pertsonaia, batez ere eta dagoeneko ezker abertzalearen mitoen zerrenda osoa ahaztuxe dudan aldetik. Hori dela eta, jakiminak kinaturik behinik behin, aldamenean dudan Euskal Herriko Historia liburuetako irudietan bakar-bakarrik ikusitako kukurutxo erraldoi baten moduko txano bat janzten duen andere bati galdetu egin diot nor demontre ote den guztioi aldarri egin digun zaldun prestu eta ausart hori. —Ez dakizu ba, hiriko tenentea da, Martin Andia goitizenekoa, Gure Erregea Mairu herrian dagoela gaztelauengandik babestuko gaituena. —Martin Andia? Ba nik esango nioke Martin Txipia... –Bota egin diot andereari zirto moduan. Badirudi nire zirtoak edo ez diola grazia handirik egin, alabaina. Andereak bestoskoa erakutsi eta segituan inguruan zeuden saldaduei dei egin die guztiz asaldaturik. —Traidore bat, badago gure artean traidore bat gure tenentea iraindu duena!!! ! Ene, bai antzesle kaskarra, emakume hau, nire ustez gainantzezten du, horregatik testu ikasia gutxi eta garrasia, berriz, nagusi. Baina ez dut inola ere uste andre honena harritzekoa denik. Zer espero bestela, hemen bilduta dauden antzezle gehien-gehienak amateurrak omen dira, gaur mozorroa jantzi eta kalera jai giroan adoretsu irten direnak. Gaur da jai eta badirudi ere borroka egun berezia, katedraleko antzezpen historiko-politiko-errebendikatibo honetan parte hartzen ari diren sasi-antzesle edota figurante gehienentzat. Gora Nafarroako Erresuma, Gora Antso VI.a Azkarra!, Gora Euskal Herria askatuta!, aspertzen naute euren betiko leloez, aspertzen nau batez ere zaldi gainean dagoen Guzurmendi, istorio honen protagonista nagusia, tenentea, andreak behin eta berriro aldarri egin bezala, bere handinahikeria sufritu nuenez geroztik gizon txikitzat izan dudan komediante handia, hots, Martin Andia emakumearen esanetan. —Sentitzen dut, emakume, nik zaldi horren gainean dakusadana gizon txikia da, Martin Txipia. Ez nuen deus esan behar, nahiz eta andrearen arrandia parranderoa ahalik eta maltzurren izorratzeko gogo bizia izan, hanka sartze handia egin dut, atoan komediaren protagonista omen zen Guzurmendi jaun/tenenteari itzal egin baitiot. Oraingoan ere gogora etorri zaizkit falkutateko biltzarretan Martinen handikeria patrioteroez gero zeharo aspertuta, hitza kentzen niola gauzak bere onera itzul zitezen ahaleginetan, gehienbat unibertsitatearen funtsa zein zen nire irakaskideei nolabait gogoratzeko asmo eta gogoz, hau da, delako borroka nazionala norberaren aukera soila zena, baina ez irakaslegoarena guztiarena, batez ere unibertsitateko irakasle guztiak bera bezain abertzale sutsuak ez ginen aldetik. Alperrik, ez zidan sekula barkatu, ezin zuen, berak defenditzen zituen teoria nazionalak eta iraultzaileak oztopo zitzaizkion gainontzekoen ikus/pentsamoldeak aintzakotzat hartzeko, kontra, edo agian kexu besterik ez, geundenok ez genuen bere begirunea merezi; balizko arerioak omen ginen, biltzar aretotik biraoka eta ia harrika ere behin betiko botatzea merezi zutenak. Ez zidan orduan barkatu, eta ez dut uste oraingoan barkatuko didanik, erreparatu besterik ez diot egin behar delako Martin Andiak luzatzen didan begiratu zorrotzari, odolez blai antzematen zaizkion begi zein hitzetan argi eta garbi ikus dezakedanez, bereziki nire burua bere betoskoaren helburu somatuta. —Traidorea, traidorea! Hartzazue preso gaztelauen lagun hori!!! ! Ezin sinetsirik nago, baina ez dut ere denborarik gainera datorkidan zorakilo andanari aurre egiteko, are gutxiago guztiz alperrikakoak izango ote zaizkidan indarrak edo argudioak biltzeko. Ospa egin beharrean nago, nahitaez eta lehenbailehen. Nora ba, Katedraleko plaza txoroz gainezka dago. Halaber, ez dago Algareriarantz bueltatzeko biderik, bertan bildurik zeuden gainerako komedianteak beren tenentearen oihuei erantzunez honaino tropelka datoz-eta. Alde egin behar dut hauteman berri dudan zirrikitu bakarretik, Fray Millan de Suso kalearen ilunpetik lasterka Anda-Oñate Jauregiraino, orain inon ez dakusadan jauregiraino, hiriko harresiaren ondoko zurezko edota adreiluzko etxe txatxar batzuk baizik, baina bai ordea Fran Millanekin izkina egiten duen Arraindegi Kantoian bertan betiere egon den aurreneko harresiaren sarbide nagusiko burdin hesi erraldoia. Kantoian behera noa arrapaladan eta beldurrak nago hesiaren edo zentinelen lantza edota ezpaten kontra oldartuko naizen. Zentinelok, ordea, burdin hesia altxatu egin dute ezustean eta batez ere ordu onean. Ez dakit nik ba komedia petral honen nondik norakoen arabera zer topatuko dudan hesiaz bestealdean, baina tira, nire atzetik segika zetorren jendentza asaldatuaren beldurrez edo kanpoan zain ote zuten etsai ezezagun bati erasoan zetorrelakoan, zentinelek paso eman eta nik ez dut aiko-maikorik egin begiak ia itxita, harresia zeharkatu eta Urraitz inguruko bide, larre eta galsoroetan barrena antxintxiketan noa hiriko lau dorreen itzal edonongoa oso atzean utzi arte. Hain noraezean eta izuturik nindoan nire arerioengandik ihesi hiri inguruko paduretaraino iritsi naizela oharkabean. Oinak behintzat uretan sartuta ditut. Falta nuena gaurko eldarnioaren nondik norakoak osatzeko, hemendik irtendakoan ohera zuzen-zuzen joango naiz malariaren antzeko gaitz batek jota edo. Banago seguru, aldiz, Martin Andiaren komediante tropak ez didala honaino segituko behinik-behin. Behin uretan sartuta ere bazterretik aldenduko naiz badaezpada, ahal baldin badut aurreko basotxoraino aterpe bila. Batzutan nire gogoetak arinegi egin ohi ditut, oraingoan bezala. Uste nuen basoraino ailegatuko nintzela ura belaunaren azpitik eta ezin, banago bide erdian eta ura ia gerriraino igo berri zait, hau da, ni erabat dar-dar jarriz. Urmaela zeharkatu eta babestuko ote nauen makaldira urez blai sartu orduko bai ezuste galanta, orain praketan kaka eta guzti egiteko modukoa. Badirudi nire zain zeudela, baina, zinez diot, nire orain dela gutxiko jarraileen antzera mozorrotuta dauden ez dakit nortzuk. —Nor zaitugu? –galdetzen didate aldarrika zein lasterka niregana datozen sarebegiz egindako soinekoak janzten dituzten gerragizonek ezpatak eskuan luzetara. —Harrapatu eta urkatu eta guzti nahi ninduten hiriko gaizkile batzuengandik ihesi nator –baina, nortzuk zarete zuek? –ausartu naiz galdetzen tentel-tentel. —Bizkaiko Jaunaren gizonak gara, —Eta ze demontre ari zarete hemen? –oraingoan zuhurgabe baino txundituago. —Gure jauna Diego Lopez de Haro Gaztelako Alfonso VIII erregeari laguntzera etorri da Urraizko hiribildua konkistatzearren. —Zer? –ezin naiz egon harrituagorik gaurko Ertaroko Azoka nola edo hala animatzeko antolatu omen duten komedia izugarri honek. —Orduan Martin Andia horren kontrakoak zarete, hiriko tenente nafarra eta segika nituen gaizkileen burua –komediari men egiten erabaki dut. —Bai noski, horixe da Nafarroako Sancho VII.ek Marokorantz alde egin baino lehenago hautatu zuen hiriko buruzagia. —Nik esango dizuet Martin Andia delakoari buruz jakin nahi adina –banago ni orain komedia honetan bete-betean sartzeko irrikan. —Zatoz gurekin ba, pikotara eroan gura zintuztenen kontra lagunduko diguzu, baina bitartean soineko busti hori erantzi, gorputza xukatu, beste berri bat jaso, eta gero baliteke jan, edan eta agian txortan ere egiteko parada izatea. Badaude gure artean zu bezalako urraiztar asko eta asko nafar erregearen gehiegikeriez asper-asper eginda daudenak. —Gehiegikeriak? —Bai, edo bestela zergatik uste duzu bertako hainbeste handiki dagoela gure alde: Areta, Basurto, Bustamante, Rojas, Uriarte, Zamudio ... —Ez dakit ba, niri egia esan komedia honek guztiak berdin dit, ni ez naiz inoren seme, ez dut odoleztatzeko lurjabegorik, eta are gutxiago inolako erregeari traizio egiteko gogo edo asmorik. Ez nuen azken hau inola ere esan behar, hau badirudi betoskoen eguna. Bestela nola azaldu behin berriro, baso zein landetan barrena, mehatxuka eta herrestaka eramatea gudaroste trakets eta ergel honen buruzagi duten Diego Lope de Haro jaunarenganaino. —Hona hemen, jauna, basoan guri barrandan omen zen arlote bat –azaltzen dio Bizkaiko Jaunaren kanpadenda itzel dotoreraino lepotik ia ebatuta ekarri nauten soldaduetariko batek. —Ez, ez da egia, ez nengoen inoren zelatan, ihesi baizik –ez dakit zer dela eta antzekorik esan dudan, dagoeneko komedian erabat sartuta ala agian ni ere zentzua galtzen hasi naizelako. —Norengandik ihesi? –galdetu egin dit bere kokoteraino bakarrik begira ari den jauntxo ezin harroxkoagoz jantzita dagoen gizontzar bizardunak. Zu bezalako komediante kaskarrengandik esatekotan egon naiz. Baina ez, badaezpada, hau guztia hasi denetik argi daukat euren ofizioa zein seriotan hartzen duen ez dakit nortzuek edo zein erakundek ordaindutako antzesle talde ikaragarri adoretsu honek. Ez dut, beraz, inondik ere berriro denon aurrean barregarri utz nazaten. Ez naute erraz jareingo, ez. Txontxongillo gisa behin hartuta hobe dut jokua nolabait jarraitzea, hots, ahal izango dudan modurik arinenean. —Arrano beltza gidoin dutenengandik –arrapostu egin dut nik ere betoskoa erakutsi nahian- badira urte pila gu denok izorratzen ari direla etengabean. Ni behintzat potroetaraino nengoen eta alde egitea erabaki dut hiriko harresietatik at kanpoko haizea zer-nolakoa zen asmatu zein gozatzearren –azken honi guztiz maltzurra izan nahi duen irrifarre bat gaineratu diot. —Lagunduko didazu orduan harresiok amiltzen? –nire irrifarrea baino hamaika bider okerragoa den begiratu batez galdetu egin dit berriz Bizkaiko Jaunak. —Zertan ba? Ni irakasle xume bat naiz, ez dakit ezer gerra jokoetaz -saiatzen naiz nire harrapatzaileen atzaparretatik nola edo hala libratzen. —Irakasle? Zer irakasten duzu? —Historia. —Koplalaria zara, orduan? –Diego Lopez de Haro jauna nire aurpegira so eta adeitsu ere agertu zait lehenbizi. —Ehhhhhh –hausnarrean egin behar dut ezer erantzun aurretik- Esan liteke baietz, nola edo hala historian oinarritutako koplak kanta eta kontatu ohi ditut. —Orduan Urraitz hiria oinperatu ahala gure itzelen berri emango duzu lau haizetara denok liluratuko dituen eresi baten bitartez –agindu bide dit orain zeharo abegitsu begiratzen didan handiki harroak. —Ez da beharrezkoa, denok badakigu historiak dioena, Urraitz setiatu eta gero urtebete erdi pasa egingo da hirikoek men egin arte. —Urtebete erdi? –Garrasi egin du jauntxo handigurak. —Bai, urtebete erdi, historiak ezin hobeto azaltzen duen bezala –gaineratzen dut honezkero apurtxo bat gogaituta. —Ezin dugu hainbeste itxaron, Gaztelako Erregearen tropekin bat egin orduko hiriaren kontra oldartuko gara –Diego Jaunak bere papera ondo baino hobeto bete nahian. —Ondo bai, zuk zeuk historia zure gogora idatzi nahi baldin baduzu... – ezin ukatu dut, dagoeneko asper-asper eginda nago hau guztiaz. —Zein zara zu historia aldez aurretik idatzita dagoela esateko? Azti bat? –Bizkaiko jaunaren begietan sugarra suma dezaket- Bai, noski, azti bat nafarren aginduz guri begizkoa egitera datorkiguna. —Eneeeee! –purrust eta guzti egiten dut nire asperra adieraztearren. —Eta gutxi balitz bezala burla eta guzti egiten diguzu... —Zer nahi duzue egitea, bestela, oso txarrak zarete, inoiz topatu ditudan antzeslerik erdipurdikoenak. —Eraman ezazue azti zerri hori Zaborra ibai ertzera eta bertan lepoa moztu! Delako ibairantz ninderamaten Diego Lopez de Haroren morroiek galtzarbeetatik oratuta eta ni banengoen ezin sinisterurik komedia honen gehiegikeria norainokoa zen. Nik ez nituen sekula gogoko izan La Fura dels Baus, Le Cirque du Soleil eta enparatuek antolatzen dituzten ikuskizun partizibatikoak edo, beti begitandu zitzaizkidan ikusleak nola edo hala izorratzeko aitzakia bat, ikuslegoak bakan batzuen lepotik barre edo goxa dezan, hau da, zorigaiztoko gutxi batzuen gaineko ixekaren kontura, eta gainera mozkinik jasotzeke. Badidudi oraingoan niri tokatu izana, ezin dut asmatu, ordea, non dagoen grazia, areago, non demontre ote dauden ezinbesteko ikusleak, naramaten alderdian gu baino beste inor ez baitago, batez ere ibai ertzera iritsi aurretik gelditu gareneko ipuru eta otaberaz gainezka dagoen eremu isolatu honetan. —Jarri belauniko! –agindu egin dit larruzko soinekoaren bularrean haritz bat bordaturik daraman gudamutilak, bultzaka makurtarazi bitartean. —Aizue, aspertuta nago, broma hau ez zait batere gustatzen, ez dut zuen jokoan parte hartu nahi. Nire aldetik behintzat hau bukatu da, ni banoa –aldarri egin dut. —Traidore zikina, ahozabal madarikatua, listopasatu nazkante hori –ukabilka zein ostikoka zutitzea galerazi didan gudamutila ia bere onetik at- zure burutik ordainduko duzu gure jaunari burla egin izana! —Aski da, honek ez du inolako graziarik –oihu egin dut gudamutilak ezpata bere zorrotik ateratzen duela ikusita. —Ikusiko duzu zer-nolako grazia ederra egingo dio gure jaunari zure buruak, tximatik oratuta eramaterakoan Honaino iritsi naiz, ez dut inolako asmorik komedia honen txorimalo gaixoa, hostiazorroa, izaten jarraitzeko, dezente egin badut pepelerdoarena gainontzekoek festa zapuztu nahi ez niela uste izan ez zezaten. Oraingoak, berriz, ez du batere zentzurik, hau dena bromatik ofensara aldatu da ziplo eta ezustean, baliteke komediante aluotariko baten batek errekonozitu izana eta aspaldidanik nire bekatu nazio-ideologiko- en kontura aginduta dudan eskarmentu ederra eman nahi izatea. Ni behintzat ez naiz hemen geratuko sastraka artean zor didaten zigorra edo asmatzearren. Banoa hemendik lehenbailehen, eta baldin bada beharrezkoa bi astapotrootako batek atera eta aurpegi aurrean jarri didan ezpatari, egiazkoa eta guzti ematen duena, aurre egitea, lasai asko egingo diot, oraindik ez baita jaio nire burua inola ere makurtaraziko didan alproja. —Zoazte biak popatik hartzera! –agurtu ditut nire borreroak, ezpatadunaren azpitarte babesgabea ostiko batez bortizki laztandu eta gero. II Behin berriro ihesi, lasterka, arnaestuska, erabat nazka eginda eta soro landuetan barrena bueltatu naiz gaurko azokarako propio edota hutsetik, goitik behera altxatuta, antolatuta, atrezzotuta begitantzen zaidan hiriko harresiraino. Bertan, harresi ondotik inguru-minguru, ia noraezean, ibili eta gero, Sabandotarrena deritzoten iparraldeko atea topatu dut atzenean. Ezin sinesturik nago ateari egindako itxuraldeketa erabatekoaren aurrean. Bai atrezzo harrigarria egin dutena gezurrezko harresi bat zein erdi puntuko ate erraldoi honen ustezko berreraiketarekin, Sabandotarrenak orduko dotorezia berreskuratu egin duela ematen du. Ikusi besterik ez dago, ate aldeko zurezko mardultasunaz zein zureriaren gaineko burdin sendoen distiraz gain, ateburuan margoturik agertzen den Donejakue armagizonaren irudi gotiko koloreztatua. Badirudi iparraldetik datorren Dondejakue bideak hemen gediune entzutetsu duela, ala hori da behintzat gaurko azokaren antolatzaileek sinestarezi nahi digutena, sekula halakorik entzun edo irakurri ez badut ere. Baina tira, edozein txorakeriak balio du gaurko jaialdia nola edo hala kartoizko Erdi aroaz janzteko. Edonola ere, aitortu beharrean nago Ertaroko giroa aldez edo moldez erdiestearren antolatu duten eszenatokia ikaragarri ondo egin dutela. Egia esan, den-dena behar bezala edota zehatz-mehatz artaturik dago, egiatan orduko garaietan bageunde bezala. Aurrenekoan ohiko Ertaroko azoka faltsu eta traketsari susmoa hartuta baldin banuen, oraingoan, aldiz, zorionak eta guzti eman nahi nizkieke antolatzeileei. Lehen oso gaizki pasatu dut, benetan aztoraturik, harresiaz bestaldean lepoa mozteko planta egin zidaten sasikume armatuen erruz. Alta betiere eta edonon topatzen dira halakoak, jaia behar bezala ulertzen ez duten kaskamotzak, ala jaia gainontzekoen gainean jolas edo broma egitea uste duten astapotroak. Dena dela, aitortu badut, merezi du, noski, egindako lan eskerga ikusita komedia hau guztia aintzat hartzeak. —Geldi! Nor zaitugu? –atarian zaindari dagoen bi arma-gizonetako batek galdetzen dit. —Nor nahi duzu izatea? –saiatu naiz ni ere komedian parte hartzen. —Zer? Txoratuta al zaude arlote zikin horrek! –garrasi egin dit oso modu zakarrez zaindariak. Hasia naiz nazkatzen, benetan, hainbeste garrasi eta mehatxu dela eta. —Galdetu dizut ea nor edo zer izatea nahi duzun hiribil- duan berriro sartu ahal izateko –erantzun egin diot harro-harro dagoeneko nire betaurre aspertuan errepara dezan behingoz. —Berriro sartu ahal izateko? –zaindariak, bere lantza luzeari gogor eutsita ere, lehenengo aldiz gogoetatsu begitatzen dit- Nongoa zara zu, bada? Zein auzotan bizi zara? —Zurgineria kalean –arrapostu egin diot jolasean nola edo hala sartu nahian, hau da, nire egiazko heldidearen ordez gustukoen, maiteen agian, eta batez ere denbora gehien pasatu dudan kalearen izena esanez, bertan baitadaude nire gaztaroko taberna guzti-guztiak. —Zurgina al zara? –badirudi gure zaindari prestuak itaunketari eutsi nahi diola kosta ahala kosta-. —Nire aita dut kupelgile –erantzun diot komediari arrunt emana, birraitonaren ofizioa gogora ekarriz eta baita nire irakasle izateari oraingoz uko ez egitearren ere. —Zeintzuk dituzu zure izen-abizenak –serio-serio eta bere lantza zorrotza ia kokospean jarriz. —Iñigo García Olarte –esan dut totel samar, nahasi, ez baititut ondo ulertzen joku honen nondik norakoak. —Orain bai, badakit, Zurgineria kaleko hirugarren auzoteriako eta Done Bikendiren kofadrea den Martín Garzia Olarteko kupelgilearen semea –zaindariak irrifarre egiten du aspaldiko partez, oztopo guztiz desatsegin bat gainditu berri duena bezala-. Zure aita oso ezaguna da auzoan. —Ez, Iñigo García... —Goazen ba zure aitaren bila! –agindu egin dit lantzadunak. Beste behin ere nire hiriko alde zaharreko kaleetan egungo azokarako propio atondutakoari harri eta zur erreparatzen diot. Bagoaz –eskerrak kalea jendez mukuru betea egonda zaindariak lantza puntaren laguntzaz bultzaltzen ez nauen- Zureria kalean gora, eta jendearen garaiko mozorro ikaragarri benetakoez gain –eta txalotzeko modukoa da ere antolatzaileek halako gauzetarako oso emanak edo zaleak ez diren nire auzoak egun Ertaroko soineko, oinetako zein kapelez jantziak kalera irteteko konbentzitu izana- etxeak goitik behera itxuraldaturik begitantzen zait: ohikoa baino txikiagoak, oro har bizpahiru solairutakoak, gehienon aurreneko biak harlanduez osatuta eta gainalde ia guztiak zurezkoak edo zurezko egituran sartutako bistako adreiluzkoak, hauetako asko ere karez estalita. Bistan dago kaleko aurrealde gehienak Alde Zaharrean artean zutik geratzen diren alforja izeneko etxeak erreskadan ugaltzeari ekin diotela Azokako antolatzaileek Ertaroko eitea hainbat zintzoen, zorrotzen, zorionekoen sortu nahian. Eta gutxi balitz bezala ere, badirudi Azoka egunotan kale zein plazetan barrena jarri ohi dituzten txosna edo saltoki trauskilen ordez etxeetako bebarruez baliatu direla Ertaroko merkataritza hiri bateko bizigiroa gero eta egiantzekoagoa egitearren. Kalean gora goazela Ollanda dorretxeraren parera iritsi eta honen itzalpean dagoen bebarruko lantegi batera sarrarazten nau nire zaindariak. —Martin! Martín García de Olarte, hona hemen zure semea aldarrikatzen den arlote bat –oihu egiten dio bizkarrez eta eskuzerraz lan eta lan ari den agure bati. —AITA!? –oraingoa bai dela zoratzeko modukoa, itzultzen zaidan arotzaren irudia nire aitarena baita, nire aita zahar, tripazorro, kaskasoil eta betiere betoskoduna-. Baina, ze.... zer demontre egiten duzu hemen? Noiztik dituzu gogoko hau bezalako komediak? Nondik atera duzu mozorro hori? —Hi? Zertara itzuli haiz? Ospa egin huen, gogoratzen? Iruzur egin hidan! –Orain bai ez dudala duda zalantzarik, tupustean nigana oldarka eta bere lantegiko zerrautsa harrotzen datorren gizon asaldatua nire aita erretxina da, ea lehenengo belarrondokoa noiz eta non, hots, gaztetan bezala. —Zure semea da, ezta? –zaindariaren galdera hutsaren hurrengoa. —Ez, ez da, dagoeneko ez –ebatzi egin du nire aitakez zuen nire lanbidea gogoko, upelgintza gutxiesten zuen, eskuz egindako edozein lan. Jakina, ni baino buruargiagoa zela uste zuen, ezin zuen beraz bere bizia nire lantegian alperrikaldu, ikasi nahi zuen. Eta nik amore egin nuen, gustura gainera elizaren eskuetan utzi egin nuelako. Primua zen baina nik banuen beste seme bat, Sabandotarren morroiek garbitu egin zidatena nire jaunaren alde egin zuelako. Orduz geroztik bakarrik nago, oinordekorik gabe, nire orduaren zain –agureak negar eta guzti egin zuen. —Zure etxera itzuli egin da, baina –azaldu dio zaindariak aspertu tonuz. —Jakina, seminariotik ihes egin eta gero bilin-boloan ibili delako, noraezean, potrojorran buhameen antzera, jatekoa nola edo non lortzen ez dakiela –nire aitak bota egin du bere onetik at eta niri zorrotz-zorrotz begira-, horrexegatik itzuli da barkazio eske. Baina, oso berandu da, gauza asko gertatu dira, ezin ahaztu direnak, alde egin zuenetik, berak hautatu zuen bere bidea, joan dadila etorritakotik –ebatzi egin du. —Ondo ba, baina ez baldin badu non bizi edo norekin, ezin da hiri barruan gedatu, berriro kanporatu behar nuke –ohar egiten dio zaindariak nire aitari. —Niri ez dit ardura, nik aspaldi galdu nuen primua –ezin nuen asmatu hain bihozgogorra zenik, ezin dut sinestu, bere antzesletasuna bezainbeste. —Goazen ba –zaindariak bere lantzari gogor eta gogotsu eusten dio- hiritik irten behar duzu gaueko etxeratze deia jo baino lehenago. —Nahikoa da, potroetaraino nago hau guztiaz –orro eta guzti egin dut benetan erresumidurik- falta zitzaidana nire aitak ere komedia honetan parte hartzea. Ze hostia gertatzen ari da? Txoratu egin al gara denok? Ordaindu egin dizute horrela zorratzeko eta bide batez zure adiskide honen laguntzaz adarra jo nahi didazu, ezta? —Nola ausartzen zara zure aita iraintzera? Bere zorioneko lantza nazkagarri horrez ni jotzeko imintziorik egiteko aukera izan aurretik, eta bigarren aldiz egun honetan, Ertaroko gerrari baten hankatartea matxuratzen dut ostiko batez. Ezin dut sinestu, ezinean ari naiz Algareria plazako sorginaren edabea hartu nuenez geroztik, baina banago behin berriro kantoi batean gora antxintxika, ez dakit noren edo zeren ihesi, ala bai, dagoeneko amesgaizto bilakatu den azoka egun honetatik, ametsetan bainago, noski, hori baita behingoz ondorioztatu behar dudana soinean daramatzadan jipi zirtzildu zein abarka zatarretan erreparatutakoan; ez da posible, ezin liteke, ni ez naiz gaur goizean nire etxetik mozorraturik, nik gorroto diot mozorratzeari, nik ez nuen inolako gogorik Alde Zaharreko Azokaraino igotzeko, ni ametsetan nago. Nire ametsotan lasterka noan kantoiaren goialdean beste harresi batekin baten topo egiten dut, ala hobeto esanda, baita ene garaian ere, hots, errealitatean, itzarrian, eta inondik ere ez dakusadan Mitarte-Arana jauregi errenazentistaren ondoan zutik zegoen burdin hesi erraldoiarekin. Antza denez, bigarren barne harresi honek hiria altxatzen den muinoa inguratzen du, hau da, nafarrek Urraitz izeneko herriskaren gainean sortutako jatorrizko hiribildua, bertan ere Jasokundeko Andre Mariaren eliza-gotorlekua zein Done Bikendi gaztelua daude, goialdeko eraikinik garrantzitsuenak, Alfonso V.ren gaztelauen erasoari aurre egin ziotenak, harik eta Nafarroako erregeak, setio ikaragarri luze eta latz baten ondoren eta atzerrian mairuekin harremanetan zegoenez gero, defentzaileei amore emateko baimena eman zien arte. Badaude ere harresiko atari ondoan beste bi zaindari niri begira hasi direnak, eurengana arrapaladan iritsi naiz-eta. Beldurrak nago, ordea, nire atzetik biraoka eta lantza luze ta zorrotzez mehatxuka zetorren kideak harrapatatuko nauen bion laguntzaz. Gauzak horrela, ezin aurrera edo atzera eginik, tupustean aldameneko etxe baten hormara igo eta salto egin dut bestaldera. Harresi ondoko baratzetan amildu naiz. Ez dakit oso ondo norantz, baina ez dut inolako erraparorik mota guztietako barazkiak zapaltzeko nire ihesi zoroan. Baliteke, menturaz, halako batean ortulariren batekin buruz buru egitea eta berarekin sesioa izatea. Azkartu behar dut, beraz, edozein oztopo edo ezusteko baztertzearren. Ez naiz konturatu, ordea, barne harresiaren ondotik zehar korrika zein saltoka noala, atarian zeuden bi zaindariak nire parean korrika ere datozela harresiaren goiko almenabidetik. Espero dut ezetz, ez dut merezi, lehenengo zaindariak polito izendatu bezala arlote huts bat naiz-eta, baina agidanez haiek ez dute berdin uste, arriskutsu naute, ez dakit zeren susmagarri, horregatik biotako batek nire belarria ozta-ozta jo didan lantza motz bat jaurti egin du. Ikaraturik nago, prakak bustitzear. Ametsetan edo ez dut inolako minik hartu nahi, badaezpada. Esnatu beharrean nago ala bestela nireak egingo du. Ezinezkoa, Jaungoiko edo dena-delakoari arrenka eginda ere ez dago modurik, amesgaiztoaren sakonenean murgildurik nago bortxaz. Harresiaren goikoan, aldiz, beste zaindari arkudun bat azaldu dira, aurrera egiten jarraitu ezkero geziez josiko nau. Lur jota nago, alabaina, nazkatuta, dagoeneko denak bost axola dit, beraz belauniko eta beso zabalik jartzen naiz: hemen nauzue, buka dadila lehenbailehen. —Aizu, sar zaitez barrura, azkar! Ez nau nire amesgaiztotik atera, bere etxeko ortutik baino sukaldean babes nendin. Bizar urdin luzeko agure mirrizka eta konkorrak gogor eusten dio bere etxeko ortua lantzen duen igitaiari. Badaezpada, nire jarraitzaileengadik askatu eta agian babestu ere egin arren, ezin jakin du nor sartu duen bere etxean. Agurearen erkintasun agerikoak, horregatio, ez dit inolako beldurrik ematen, igitaiaz eta guzti. Horregatik nire burua albait arinen aurkeztu nahi nioke, batere arriskutsua ez naizela erakutsitakoan nola edo hala behingoan lasai dadin. —Zer dela eta astapotro horiek zure atzetik zenituela? –galde egiten dit. —Beraiei galdetu, hiritik bota nahi ninduten eta –asmatu dut, ez dakidala zehatz-mahatz egiatan komeni zaidana esatea. —Lapurra al zara? –esan eta igitaia nire sudurraren pareraino altxatu egin du. —Ez, inondik ez –eta ezbaian geratu naiz lipar batez- Martin García de Olarte kupelgilearen semea naiz. —Ene! Orain dena ulertzen dut –agureak igitaia jaitsi eta atoan bere musu hezurtsu eta zimurtuan irribarre luze bat marraztu du- lehen zure anaia akabatu eta orain zu ere gogoan omen zuten. —Bai horixe! –honezkero erabaki badut amesgaizto bukaezin honen nondik norakoei men egitea halabeharrez. —Ezin duzu asmatu zer nolako zorte handia izan duzun gure ortuan jausterakoan, Paterninatarren oinetxekoan –bat-batean agurea harro-harro jarri da-, hemen segur zaude. —Zu al zara etxearen jabea –galdetu diot guztiz sinesgogor. —Bai zera! –sudurra zimurtu du- Ez niri adarrik jo! Badakizu ondo baino hobeto morroi apal bat naizela. —Ez, nik ez dakit... –esan dut aiko-maiko. —Mundu guztiak ezagun du Paternina jauna, herrialdeko jabe handienetarikoa, hiriko jaun prestu guztien buruzagia, hiriko alkatea hamaika aldiz izandakoa, urtetan gure Erregearen zerbitzupean egondakoa, gizon ikaragarri buruargi eta ikasia –agurea ezin morroiago bere jaunaren dohainekiko. —Sentitzen dut, baina... –ametsetan egonda ere egia beti premiazkoa. —Oraintxe bertan eroango zaitut nire jaunaren aurrera. Ba ez da egia, en ninduen bere jaunaren aurrera eraman, bere zain baino. Bagaude etxearen atarian, motibo geometrikoak eginez eta bi kolore-tonu nahastuz harri txiki lauez egindako zoruaren gainean, bigarren soilairuraino daramaten eskaileren aldamenean, Paternina jauna haren hiri inguruko lur jabegoetan egin ohi duen osteratik noiz bueltatuko. Agureak etxeko jabearen aurrean nola jokatu behar dudan irakasten dit; beharko, hain gazte eta oies ematen dut-eta. —Zuk burua makurtu, nik hitz egingo diot berak zurea eskatu arte. Bere jaunarekiko jokabideaz ez ezik, Paterninarren kondairaz ere hitz eta pitz ari da zer-nolako leinu ohoretsu eta garrantzitsua den behar bezala jabetzearren. —Nire jauna hiriko jaun handiena da, Aialako Jaun txit gorenaren senitarteko, hori dela eta gorroto ikaragarria dioten hainbat eta hainbatek –azaldu dit agureak ezin harroago. —Nik ez dut ezer egin, ez dakit zer dela eta nire atzetik zetozen armagizonok –desenkusatzen saiatzen naiz, agure morroi honek benetan koipeztoa edo irensgaitza ote den saltsa batetan sartu nahi nauelakoan-. —Baina haiek zure anaia garbitu zuten –moztu dit agureak betozko-betozko- gutarren alde egiteagatik... —Haiek? Gutarrak? –hasia naiz berriro nekatzen amesgaizto honen nondik norakoez-. —Bai, mutil, kantoitarrak, hiriko kantoietan biltzen diren sasikumeak gure jaunen kontrako azpilanean ibiltzearren –agureak azaldu zidan zeharo sumindurik-, udaletxeko eserleku zein karguak herrialdeko jaunei uko egin nahi dizkietenak, jendaila: odol zikineko merkatari, artisau edo nekazari aberastu berriak, judugasteak... —Nire ezpalakoen modura hain zuzen ere –bota egin diot erronkari. —Zure ezpalekoek betiere men egin zioten bai beren oinerrian, bai hiri honetan, babes eman zien jauntxoari, Ollanda dorreko Iñigo Velez Gebarako –argitu dit agureak hitzak banan-banan ahoskatzen umemoko bati zuzendu balitzaio bezala. —Egia esan, nik ez dut sekula egin nire aitak agindua zidana –barre eta guzti egin dut agurearen haserrerako- Esan liteke etxekalte galanta eginda nagoela. —Orduan ez duzu nire jaunaren babesaren beharrik –ohartarazi dit atondoko egurrezko atetzarrean dinbi-danna joka ari zirela, antza denez nire arestiko jarratzaileen lantza edota ezpaten languntzaz. —Ba ez, ez dut amesgaizto honen beharrik, laster esnatuko naiz-eta –azken hau esanda zeramikazko lauzez estalitako eskaileretan gora egin dut arrapaladan, forjatuzko baranda dotoreari eutsiz harmailak binaka igotzearren. Goiko atondora iritsi eta bi neskame alde hemendik, lapurra! oihuka datozkidala dakusat. Ez dut inolako gogorik haiekin eztabaidaka hasteko, beraz, eskura dudan aurreneko atea zabaldu eta gela zabal batera sartzen naiz ustekabean. Antza denez etxeko gela nagusia da, motibo geometriko eta pasaiak adierazten dituzten horma-pintura sinpleez hornituta, zoruko lauza lau ia guztiak, ordea, tapizez estalita, sabaiko adreiluzko ganga trenkatu luzangak erdian duen idi-begitik datorkio argia. Egongela erdian, aldiz, Penelope ospetsuaren modura ehuntzen ziharduten hiru emakumezko ni ikusi orduko kanape dotore batzuetatik zutitu egin dira ziplo. —Jainkoarren, ez egiguzu minik! –erregutu egin dit soinekorik landu edo apainena jantzi eta euren bularren irmotasunez edo babesten duten bi neskameak baino guztiz txairoagoa ematen duen andere biziki ederrak. –hartzazu nire eraztuna, urregorrizko lepokoa eta nahi adina harribitxi edo, baina faborez, errespeta gaitzazu! —Baina, zer arraio dio maripertxenta honek? Nor mindu behar dut nik, zergatik? Errespetatu? –orain bai nagoela benetan txunditurik, zer egin edo non nagoen ez dakidala, eta artean eskaileretan gora iristen ari den agurearen mehatxuak etxera sartzen utzi dituen armagizonen zapaltze hotsekin batera-. —Harrapatzazue gaizkile hori, Paternina jaunaren emazteari eraso egin dio-eta! –salatzen dit agure madarikatuak aizunez. —Ireki ezazue balkoia, oraintxe bertan, goazen! –oihu egin die beldurrak zeharo jota dauden bi neskamei fatxadako balkoi irtena babesten duen forjatuzko burdin hesia ahalik lasterren zabal diezadaten. Uste baino arinago suspertutako bi eskameok nire agindua bete bezain laster balkoira irten naiz, barandaz bestalderaino igaro, barrotei eutsi eta une luze batez zintzilik eta kulunka egon ostean kalera salto egin dut itsu-itsuka. Ez dut uste beharrezkoa denik azpimarratzea lurretik kilin-kalan altxatutatakoan, osorik nengoela egiaztatu orduko, behin berriro kale-kantoietan behera korrika egin dudana. Oraingoan hiri-bilduaren beheko harresien ondoan dagoen Done Paulo eliza dut helburu, Ertaroan eskeintzen zuten asilo sakratua, ukiezina, zela gogoratu berri baitut, alafede. Esanak esan, eta kontuan hartuta ere elizara zuzen-zuzen daraman Bakardade kantoian beherantz ziztu bizian noala, elizaurrean eskean zeuden behartsu, elbarri, kinkilari edota dena-delakoengan erreparatzeke, eliza barruan sartu naiz tupustean. —Ene patroi jauna, nire jarratzaileengandik anpara nazazu! –oihu egin dut, hor nonbait irakurri nuenez, hau da, aldareko Done Pauloren irudiaren aurrean belauniko eta beso zabalik. —Nortzuk dituzu zure jarraitzaileak –itaundu dit aldare ondoan erdi ezkutaturik zegoen abade gazte batek. —Horrek inporta al du? Nik uste Eliza denok babestu beharrean zegoela bere barrenean –arrapostu egin diot nire ironia zein nekea adierazi nahi dituen irribarre oker batez, dagoeneko ez baitakit noraino merezi duen ametsezko komedia honi benetan eusteak ala dena popatik hartzera bidaltzeak lehenbailehen itzartzeko asmoz. —Paternina Jauregiko andrea garbitzen saiatu den morroia da –azaldu du elizatetik zetorren ahots batek. —Ez, hori ezta egia, hiriko zaindariak nire atzetik zebiltzan eta orduan jauregi horretan sartu nintzen ezustean, baina nik ez... –zer dela eta hainbeste zuribide, hau guztia ezta erreala, amesgaizto bat baino ez, eta ni txoratzen ari naiz. —Theresa Ramírez de Arellano andrea akatu nahi zenuen? –oraingoan abade gaztearen erkina ia betartean sartuta dut, ez baldin banaiz behingoan lasaitzen, halako batean koska eta guzti egingo diot bere hatz salatari horri. —Ezetz, esan badiot berorri ihesi ari nintzela... —Gure Jaunak ezingo dizu inondik ere leporatu jauntxo baten emazte bekatoreak ondo merezitako zigorra ematen saiatu izana –bota egin dit abadeak inoiz sumatu ez dudan begiraturik betilunenaz-. Aitzitik, zaude ziur, seme, Jainkoak berak zure eskua nola edo hala zuzendu egin zuela. Tamalez, badirudi gure Jaun Zerukoaren asmoa oso bestelakoa zela, agian proba bat besterik ez. —Edonola ere, armagizonak zain ditut eliza kanpoan –gogoratu egin diot gupida kristauaren kontzeptu nahiko bitxia duen Jainkoaren morroi honi-, horregatik nator babes eske, Elizaren legea bete dadin. —Noski, Elizarenak eta baita kantoiko jende xehe eta zintzoarenak ere –azaldu dit abade gazteak-. Elizpean izango duzu non lo egin eta jateko nork emango. Bart eliza aurreko zoruan etzanda lo egin dut hamaika eskalerekin batera eta atariko irudi gotiko polikromatikoen babespean, irakurrita nuen Penintsulako elizperik entzutetsuetarikoa zela, baliteke, egia esan ez ditut nire hiriko historia eta arte ondareak oso aintzakotzat hartzen, bertan daude eta kitto, ez da nire hirikideen ohitura ere, halako gauzetan atzerrira joaten garenean bakarrik erreparatu ohi dugu; baina ezin nuen inoiz irudikatu nire ametsotan agertzen den bezain galanta eta batez ere txukun margotua, arrunt txunditurik nago. —Hor kanpoan zain dituzu zure lagunak. Egia da nire aldamenean etzanda dagoen mozkorrak irrifarre zanal batez esandakoa. Elizpeaz bestaldean atzo honaino segika nituen armagizonak ea noiz irtengo naizen esperoan daudela. Hiriko zaindarion egoskorkeriak zinez harritzen nau, halabeharrez; arlote sinple bat naiz, elizaurrean pilatutakoak bezainbat. Tamalez, erabat esnatu orduko halako setakeriaren egiazko zioaz konturatzen naiz: Theresa Ramírez de Arellano andere handikiaren erasotzailea naute. Ez didate erraz barkatuko, ez behintzat bere senarra hiriko jauntxorik handiena baldin bada, Paternina jauretxeko agureak ondo baino hobeto azaldu bezala. Hiriko alkate ohia, Probintziako idazkari ohia, Gaztelako erregearen ez dakit zer kargu ohi, ahaide nagusietakoa..., ez dut dudarik morroiok hain jaun handi eta boteratsuari nola edo hala atsegin egiten saiatuko direla. Baliteke ere Paternina jaunak nire burua saripean jarri izana, hiriko gaizkilerik presiatuena bilakatuta. —Zoaz, zoaz kanpora, zure lagunok laster larrutuko zaituzte goitik behera –trufa egiten dit orain nire inguruan tximinoarena egiten ari den mozkor nazkagarriak. Ez da, ez, aterpekide dudan jendilajea oso atsegina. Nabarmen da hain etorkizun larrurik gabekoa igartzen didan mozkorra batere gustukoa ez zaidala, berarekin burrukan hasteko aiko-maiko nagoela, hain emangaitza begitantzen zait-eta. Alabaina, gainontzekoak ere ez dira makalak, gizajoak; mozkorra egosten ari ez dena elizaurrean barna herrestan darama ozen-ozen, herrena ala besamotza ez dena legenak jota dago edota, baten batek zer gaitzek jota, aieneka eta ia hilzorian ematen dute begiko, edo errukiko hobeto esanda, zaizkidan bakarrak elizpeko emakume eta haur zurtzak. Ez da harritzekoa haiek bezain zurt sentitzen naiz-eta amesgaizto honen erruz, ez dakidala noiz esnatuko eta ez egin bitartean zein arrisku edo erronkari aurre egin behar izango diot ametsetan behintzat bizirik edo salbu irautearren. Dena dela, eta elizpeko hotzak zein hezeak, ateriko irudi sakroen itzal urdurigarriek edota lagunarte xelebre honen ikuskizun penagarriak eraginda, sekula baino zurtzago sentitzen naiz, ametsetan ala esna. Ez dakit nola iritsi naizen honaino, hau da, nola eta zergatik sortu den huts-hutsetik amesgaizto amaigabeko hau, betiere baitago zer edo zer ametsak eragiten dituena, Freud dixit. Orain arte bizitutakoari erreparatzen baldin badiot ez naiz gauza inolako ondoriorik ateratzeko. Galduta nago, mehatxatuta, nirea den hiri batean baina inola ere ez dagokidan garai urrun eta ilun batean, behin baino gehiagotan nire historia ikasketetan edo fakultateko eskoletan jorratu egin dudana, baina hala eta guztiz ere, Aro Berriaren zale eta aditua naizen aldetik, neurri handi batean guztiz arrotza zaidana. Bestalde, lokartu edo naizenetik ihesi nago ametsetan, horrek zer edo zer adierazi nahi du nahietaez. Baina zer, zeren ihesi ari naiz bene-benetan. Azokara sartu orduko galdu ditudan adiskideengandik, inoiz askotxo estimatu ez ditudan nire hirikideengandik, nire ikasketei zein bizimoduari beti muzin egin zien aitarengandik, beti barregarri zein arbuiagarri begitandu zaidan estamenduzko gizarte batetik, nire bizitza bereiztu duen ausardia falta nabarmenetik. Auskako, zeretik eta zergatik ihesi nabil. Oraingoz nahikoa dut larrua haragiari atxikita gortzearekin. Badaezpada, ezin baitut asmatu gaurgero zer suertatuko zaidan. Esaterako, zertara datozen orain bi abadeok, gaztea eta eliza barruan nengoela salatu egin zidana. —Alde hemendik, mozkor zikina –aldarri egiten dio abade gazteak nire mozkor zirikatzaileari, besteak lepotik oratu bitartean- hau ez da bizio etxea, Gure Jaunarena baino. Nire aterpetik ikus dezaket bi abadeek kalera botatako mozkorra nire jarratzaileen eskuetan, goitik behera arakatuz Theresa Ramírez de Arellano andere sotilari eraso egindako gaizkilearen bila, eta ni ez naizela egiaztatutakoan jipoi ederra ematen diotela zeharo amorratuak. —Hator gurekin, Iñigo –agindu egin dit abade gazteak nire izena asmatuta- gogotik ezagutu nahi zaituzten pertsona ohargarri batzuk zain dituzu-eta. Abadeak eliza barrenera narama, koruaren ondoko kapera batera pasarazi eta bertan hiriko jaun famatu eta txit prestu baten hilobiaren ondoan nire zain edo dauden gizon betilun batzuekin topo egiten dut. —Aizu, Iñigo, gizonok aurkeztu nahi dizkizut: Juan de Ganboa, Espartineria kaleko alkate txikia, Martin de Anda Petrineria kalekoa, Juan de Arana Ganibeteriakoa, Luis de Mendoza Tintoreriakoa, Cristobal de Mendiola Erremenderiakoa, Alonso Zaldibar Barrenkaleko auzoko nekazari zein jaun txikien burua eta azken hau nire anaia Juan de Salvatierra, hiriko lau alkate nagusietako bat. Txunditurik eta piska bat kokildurik ere nago hainbeste jaun ohoretsu eta harro artean; ni, ametsetan hasi nintzenez geroztik han hemenka etengabe ihesian ibili den arlotea. Ezin dut inondik ere asmatu zertarako erakarri nauten euren aurreraino. Baina badakit ezin nekagarriagoa egingo zaidala nire etxeko auzo ohoretsu eta harroen bilkura guztiak antzera egin ohi zaizkidan aldetik. —Eskertu nahi dizugu kantoiko jendearen izenean gure kausaren alde egin duzuna –abadearen anaiak hitza hartu du-. —Barkatu? –zeharo txunditurik. —Bai jauna, ez izan hain apala, gaur hiriaren gobernuaren jaun eta jabe izan nahi duen Paternina malapartatu horri ohar garrantzitsu bat eman diozu... —Ohar bat? –ez dakit zertaz harritzen naizen behin berriro deus ere ez ulertzeagatik, ametsen funtsa edo mania horixe baita: zentzugabekeria. —Jakina baietz, ez izan dudarik gure jauntxo madarikatuak ondo baino hobeto aditu duenik: hiriko jaun aberats eta boteretsuena izanda, hiriko artesau txiki eta apal guztiak zein eskualdeko oinaztar ahaide guztiak bere alde izanda ere, gure kontra jardunean ekin aurretik kontu handiz ibili behar dela halanbeharrez, ez baikara erraz makurtuko bere mehatxuetara aurreneko kolpea eman barik –azaldu dit ikaragarri polito hiriko lau alkate nagusietako bat den eta hiriko ofizio guztien ordezkarien izenez edo hitz egiten duen Juan de Salvatierra jaunak. —Baina, hori ez da izan nire asmoa Theresa delako horren egongelan sartu nintzenean... –badakit ez duela zentzu handirik aitzaki-maitzaki ibiltzeak ametsetan ari naizenez, baina hala eta guztiz ere ezin diot eutsi gizon honen argurdio zoroari, nolabait gaizkile ez ezik, gizon odolgose hauen konplize ere bihurtzen gaituena nahitaez. —Begira, Iñigo, guri ez zaigu batere inporta Arellano andreari eraso egiteko zenituen motiboak, berdin digu hiriaren libertadearen izenean akabatu nahi zenuen ala amodio afera huts batek eraginda edo dena-delakoak; zure mendekuaren hartzailea gure etsaia ere zen, beraz, gure alderdiaren alde egin duzu halanbeharrez, honezkero guk behintzat lagun zaitugu –adierazi gin dit nire abade babeslearen anaiak bere ezpainetan guztiz gauzatu ez den irribarre batez. —Ni ez naiz hiltzaile –bota egin diet tupustean jaun betozko guztioi zeharo atsekabeturik. —Jakina ezetz, zu libertadearen kausaren heroi bat zara –oraingoan argitu dit abadeak, hiriko tiranorik handienari aurre egin dion bakanetakoa, horregatik miresten zaitugu, horregatik eta baita zure aitaren etxea utzi ere behar izan duzulako libre izatearren. —Libre izatearren? —Bai, jauna, zure leinukoek Paternina Etxearekiko dituzten zeharkako morrontza loturak arriskutan jarriz –ezin ditut oso ondo asmatu abadearen nondik norakoak, baia ez dut duda izpirik azpilan kiratsa dariolik-. Badakizu Ollanda dorreko jauna, zure aitaren patroia oinaztarra dela, Paterninako Jaunaren lehengusua dela hain zuzen ere. —Eta? –galdetzen dut benetan nazkaturik hain ezagun, gertuko eta batez ere mingarri zaidan alderdikeria honekin. —Ba, ez dut uste Ollanda dorreko Iñigo Velez de Gebarak zure aitari barkatuko dionik egindako traizioa –agintzen dit abadeak guztiz amultsu- Jauntxo haizeputz aluok ondo baino hobeto ezagutzen ditugu-eta, ez ahaztu zure aitaren antzera gure arbasoak ere eskualdeko herri txikietatik iritsi zirenik hiri honetara. —Zer ikusi du nire aitak nik egindakoarekin –galdera benetan inozoa nik bezalako historialari batentzat, leinuaren legeaz ari gara eta, nire ekintzen ondorioak leinu guztiarenak baitira, ez bakarrik nireak. —Gebarak bere lehengusu Paterninakoari ordaindu behar izango dio derrigorrez bere morroi batek egindako kaltea –Salvatierra abadeak esan dit serio-serio-. —Eta zer nahi duzue nik egitea –galdetu egin diet, dagoeneko zeharo abaildurik. —Patertinako Jauna eta bere alderdikoei min gehien egin diezaiekeena –ikustekoa da Salvatierra anaien begietan bat-batean eztanda egin duen distira mendekosa-, euren diru iturria ziplo, errotik, lehortuko duena. —Zer jukutria mota duzue gogoan? –galdetu diet dagoeneko guzti ezaxola. —Ederto asmatu duzu, Iñigo, bete-betean –denok barre algaretan lehertu dira ustekabez- Juderia kaleko Jakob Gaon sendagilea akabatu behar duzu, gure etsaien mailegu emaile nagusia, Paterninatarrak oso ospe handiko jaunak omen dira, lur eta dohain askoren jabeak, baina ez dute ia inoiz esku dirurik udal karguak edota hiriko artesau zein nezakari apalen borondateak erosterakoan, horrenbestez juduarengana jo ohi dute beti diru eske. Ez dakit zertaz harritzen naizen, zer dela eta haserretzen naizen hiltzailetzat hartzen nautelako. Txotxongilo naute eta nola edo hala erabili nahi euren helburu maltzurretarako. Esan ahal izan diet ezetz, ez dudala inola ere parte hartu nahi eure azpijoko odoltsuetan, berdin didala ni elizatik botata izateak eta nire jarratzaile armatuen eskuetan jartzeak. Badakit noiz edo noiz esnatuko naizela amesgaizto honetatik, libratuko naizela edonoren eskuetatik egiazko arriskutan, hilzorian, egotekotan, baliteke burugabekeria guzti honi planto egin orduko. Hala ere, ez dut tutik ere esan, banago jakinminak benetan akuilaturik eta asmatu nahi nuke amesgaizto honek asmotan duena, ez dela izango, ez, ezer onik, atseginik, ziur nago, ikarazko pelikularik kazkarrenean bezala. Artean, kantoiko jendilajearen berbaroari adi-adi nengoela kaperaren bazter batetik, kanpoan arras gautu da. Orduantxe Salvatierra anaiek eta enparatuek kalera atera naute isil-gordeka Salvatierraren arbaso ospetsu baten hilobia dagoen kaperako ataka batetik. Banoa berriz, bagoaz denok, Bakardade kantoian gorantz, ilunpetik eta kapa banaz estalita badaezpada. Badakigu, Juan de Salvatierra jaunak hala gaztigatu digulako, udalbatzaren agindupeko armagizonekin topo egiteko arriskutan gaudela, hau da, Paternina jautxoaren soldatapekoekin. Ez digu komeni, kantoikooi, udaleko zaindariekin liskarretan ibiltzeak; hiriaren agintearen kontra jardutea ez litzateke batere egokia gogoan ditugun udal karguak aldarrikatzerakoan. Hori dela eta, nire alderdikideok Dona Maria kantoiaren behealdeko ertzeraino laguntzen naute bakar-bakarrik. —Done Peru kalean hamaika taberna dituzu zer edo zer edateko ondoko Juderiakoan adoretsu sartu baino lehen –aholkatu dit Salbatierra anaia handiak- bertan ere gau erdira arte zain egon ahal izango zara judu madarikatu hori bere mediku bisitetatik etxera bueltatu arte. Zorte ona izan! Eskuetan aizto luze eta zorrotz bat ipini didate. Aiztoa kapa azpian ezkututa sartzen naiz Done Peru kale zabal eta zenbait zuziz ondo argitua Juderia mehar eta ilunarekin bat egiterakoan apur-apurka estutzen den kale bazterreko taberna batean sartu naiz ametsetan izanda eta guzti benetan ezinbesteko zaidan tragu bat hartzearren. Ezin ukatu Erdi Aroko ardo maila dastatzeko aukerak Kantoiko jaunek nire bizkar gainean jarritako betekizun astunari eutsi baino lehenago nolabait, lipar batez gutxienez, ahanztearren aukera paregabekoa eskeintzen didanik. Baliteke nire alderkide berrien egitamu konspiratzaileari muzin egitea eta egundoko atxurra harrapatzea egunabarrera arte. Ez litzateke oso ideia makala amesgaizto honen zentzugabekeria erabatekoa kontuan hartuta, honek guztiak ez baitu buru-buztanik, laster esanatuko naiz ezinbestez. Bien bitartean, eta tabernariari eskatutako ardo pitxer betea jaso orduko, nire buruari gogoratu behar diot zurrut artean ni ez naizela inola ere hiltzaile bat, ez dudala inor garbituko. Jakina, zoratu al naiz? Niri Kantoiko jaunen arazoek bost axola didate, ni ez naiz Martin Garcia de Olarteren semea, ni ez naiz hemengoa, eta gutxi bailitzan, ni ez naiz ere garai honen zalea. —NI XXI MENDEKO HISTORIA IRAKASLE BAT NAIZ! Ozen-ozen garrasi egin dut enegarren zurrutaz gero txiriboga honetako begiratu guztiak nigan bilduz. Orain arte tabernan ilundu osteko bakardade erdiragarria bustitzeko asmoz zein hiriko zaindarien zelatatik ihesi sartzen zen arlote arrotz bat nintzen; behingoan, ordea, gehienentzat interesgarri bilakatu naiz, agian susmagarri ere bai. —Nor zara zu? –galdetu dit supituan nire aldamenean eseri berri den mutiko zarpailtsu eta erdi mozkor batek, lekua, ordua eta batez ere janzkera labaina zein orrazkera arranditsua kontuan hartuta urdanga hutsa ematen duen neskato batekin batera. —Zuri zer axola? –erantzun diot erronkari, ez ahaztu kapa azpian aizto zorrotz bat daroadanik. —Niri bat ere ez, baina zuri bai, uste baino gehiago –jakinarazten dit mozkorrak- ziur bainaiz zu ez zarela bertakoa, ez zaudela bertan auzotaturik, ezagutzen ez zaitugu-eta. —Eta? –benetan atsekabeturik. —Komeni zaizula zure ardoa gurekin partekatzea –horra hor agure kakalardo honen aholku zekena- ez baldin baduzu hiriko zaindariek kaleetan barrena harresiko ateraino narrasean eraman kanporta bota zaitzaten. —Ondo ba –dagoeneko ez dut uste egon litekeenik konpainia hoberenik- beste pitxer bat ardo eskatuko dut. —Horixe! Banekien nik ez zinela artole xehe bat –agureak keinu eta guzti egiten dit. —Nor nauzu, ba? –galdetzen diot agure nonzeberri honi enegarren zurrutean murgildu aurretik. —Jaun bat, ezkutuan dabilen jaunskila bat ez dakit zer azpikeria gogoan duena –esan dit serioski- Zer daroazu soinekoaren azpian? —Zuri batere ardura ez zaizun ezer –antza denez ez dago konpontzekorik jendaila honekin, noiz edo noiz errieta sortu behar dela nahitaez-. —Jakina ezetz, baina espero dut behintzat sosak gordetzen dituzun poltsa izatea –agure honen jukutria bai dela txalotzeko modukoa, egia esan gero eta begikoago egiten ari zait, ez dakit nondik aterako dudan ardoa ordaintzekoa, nik uste baina parranda ederra egingo dugu elkarrekin. —Tira ba, lehen edan dezagun, gero gerokoa –eta honekin batera tabernariak eskatutako hirugarren pitxer ardoa lagatzen digu mahai gainean, lehen baino uzkurrago, nire oraingo bi mahakideak batere gustukoak ez balitu bezela, eta ez da harritzekoa aldamenean dudanak ez baitu oso betetzen emakumezko bati eskatzen zaion lotsaizun legea. —ENE! –garrasi egin dut ezustean- geldi egon, mari-purtzi halako hori! —Zure hankarteko hori ez da haragizkoa, burdinazkoa baino –bota egiten du urdangak zeharo txunditurik. —Galtzairuzkoa da, aizto gogor eta zorrotz bat zuek bezalako bi txerrikumeren zintzurra dzi-dza ebakitzeko modukoa –koitaduek ez dakite noraino gertu nagoen nire mehatxua betetzearren, ametsetan nagoela benetako ezer txarrik gerta ez dakidakeela pentsatzen hasia naiz eta, halabeharrez. —Ez nauzu gustuko, maritxu halakoa? –keinu egiten dio neskatoak bere lagun adintsuari-. —Ezta hori, oso neska pertxenta zara –gezur egiten dut neskatoaren hortz belztuei, ile-txima ugerdoari edota bere gorputz erkina nola edo hala estaltzen duen soineko zarpail eta zikinari darion kiratsari erreparatu eta gero-, erne ibili beharrean nago gaur gauean hiriko oso agindu garrantzitsu bat bete behar dudalako. —Ah, bai? Eta jakin al liteke zein den agindu garrantzitsu hori? –galdetu dit agureak iseka begiratu batez. —Jakina ezetz, zer dela eta fidatu behar nintzateke zuek biok bezalako gizajo alfer batzuekin –ez dakit ardoak eraginda edo, baina nik ordua uste iritsi badela nire amesgaizto honetako zentzugabekeriari aurre egiteko, nola?, bertan bete-betean murgilduz-, ziur nago zuek biok nire aizto zorrotz honen laguntzaz bertan garbitu ezkero inori axola izango ez zaiola. Izan ere, nire begien aurretik behingoz gal zaitezten modurik eraginkorrena delakoan nago. —Lasai zaitez, jaun misteriotsu hori –agureak barre egiten du-, baliteke gure laguntza behar izatea, gu kalean bizi gara eta, bai hiri barrenean, bai errebaletan. —Zertarako ba? –altxatzen dut nire edalontzia agurearen begien pareraino. —Esaterako, zaindarien joan-etorriei adi egoteko edo zure agindu horren jasotzailea erraz topatzeko, guk biok ondo baino hobeto ezagutzen baititugu hiri honetako biztanleen ohiturak. —Zer dela eta? –galdetu diot benetan txunditurik. —Hiri honetako biztanle arrunt fededun eta errukiorrek premiazko gaituzte eskale gisa karitatearen legearekin behar bezala eta ia egunero betetzearren; nor hobeto agure bat edota emagaldu bat baino? –agurearen irribarre gaiztoa ezin da zabalagorik izan. —Noski, nik ere behar zaituztet orain gaubelean ondo baino hobeto egoteko. Topa egin dezagun! –berdin dit bi arloteok ni mozkor-mozkor eginda zerraldo erorita lapurretan egiten didaten ala maripurtzil horrekin txortan egin eta gero potrozorriak edo harrapatzen ditudan. Aitortu ere behar dut bi arloteokin, ordea, Done Paulo Elizako jauntxoekin baino gusturago sentitzen naizela, hau da, nire alderdikideekin bainoago. Baina, ez naiz harritzen osoro, nire bizi ia osoan antzekoa izan baita nire ustezko alderdikideekin gainontzeko jende askorekin baino gaizkiago konpontzen nintzela, nirekiko ezinikusi zein azpikeria guzti guztiak nire ustezko alderdikideen partetik zetozela, gehienek ezin baitzituzten pairatu euren harrizko iritzi edo printzipio aldaezinen aurrean aiko-maikoetan ibiltzen ginen koitaduok, eta nik uste ezbaia izan dela nire ikurra mundura etorri nintzenetik. —Esadazu, jaun mozkor horrek, ez baldin bada atrebentziarik, zinez ez dela , irabazpide baino, nor duzu garbitu beharrekoa –bat-batean agureari begitartea zeharo ilundu zaio-. —Zer ba? —Agindu dizute gizabanako bat akaba dezazun, baina zure lagunok beste batekin edo nahastu zaituzte, ezin dira okerrago egon, zu ez zara hemengoa –ikaragarria agure honen zolitasuna, ni behintzat ikaratzen hasia naiz-. Esadazu ba hiltzeko agindu dizuten kristauaren izena eta nik seinalatuko dizut kalean gaudela. —Ez al da Jakob Gaon judua izango? –asmatu du gero eta arlote ezinezkoago begitantzen zaidan agureak. Hiru pitxer ardoz gero, zurrutetan zein irri-karkailetan agurearen etengabeko galdera ia guztiei iseka, purrust edo muzin eginez, edota ematxarraren mahai azpiko laztan lizunekin gero eta gusturago, beroago, handik tabernariaren atzetik ezkutupean eta arin-arinka ospa egiteko proposatu eta kale gorrira irten ginen. —Erakutsiko didazue judu horren etxebizitza eta gero alde egingo duzue ni bertan zelatan utzita –agindu egin diet nire bi mozkorkideei. —Ondo ba –onetsi dit agureak-, baina, esaguzu, nola ordainduko diguzu mesedea? —Lasai, agure, Kantoiko jendeak jakingo du nola eskertu –agindu diot beti jostetan. Done Peru kalean behera bilin-bolanka goazela, batik bat emakumea non jausi han jagi lotsagabeki dabilela, Juderia Kalea hasten den kantoi-gurutzeraino iritsi gara laster. —Gu ez gara sartuko, badaezpada, ez dugu nahi judu madarikatuok oharkabean gu bahitzea gure gorpuak txikitu eta gero almandrongilak egin ditzaten –trufa egin dit agureak. —Zuk esan non dagoen Jakob Gaonen etxea eta nik egingo dut behar dudana –inondik ere ez dena inor aizto batez hiltzea, baizik eta kale hartan bakarrik eta ahal bazen ilunpean egon orduko handik lasterka edo ospa egitea, auskalo nora ihesi. —Ezta kristaua, judua baizik –aitortu diot zapla. —Zatoz nire atzetik mediku judu horren etxea ondo asko erakuts diezazudan –agureak eskatu dit kantoi bazterrean jar nadin-. Ba al dakusazu bi kriseilu handi horien atean dagoen atari ikaragarri ederra edo arranditsua, hamaika mairu apaingaiez jantzia? —Bai, jauna. —Sinagogakoa da. —Eta? Eta bat-batean ustekabez nire atzean isil-gordeka jarritako urdangak bultza egiten nau kantoian beherantz. Buruz gora jausten ari naiz, baina sustoa gainditu orduko benetan ikaratzen nauena ez da hartuko dudan kolpea, gainbeheraren azpian zain dudana, hau da, nola esnatuko, ez baitut inolako dudarik lozorrotik irteten ari naizela nola edo hala, amesgaizto honen hondarrean nagoela, ezin baita besterik esan, ez luke inolako zentzurik, ez letorke bat amesgaiztoen kontura dakidantxoarekin. III Itzarri naiz atzenean. Hau zoramena, hau! Izan da nire bizitzaren amesgaiztorik luze eta zakarrena. Hurrengoa borreroaren haizkora ala urkamendia izango zelakoan banengoen. Zorionez dena bukatu ei da. Bazen garaia lur jota nagoelako, izerdi patsetan, Madrileko San Sivestren parte hartu banu bezala. Esnatu bai, baina oraingoz ez dakit non nagoen. Baina, gelako hormak osatzen dituzten adreilu zer zurajean edota sabaiko zeharraga handian errepatzekotan, susmoa badut Alde Zaharreko etxe bateraino eroan nautela. Badirudi jatorrizko egitura zein altzariak gorde edo itxuratutako gela batean nagoela, seguru asko Ertaroko etxeak zer-nolakoak ziren bisitariei propio erakusteko antolatuta, nik oraindik ezagutzen ez dudan estreinaturiko Hiriaren Museo delakoa. Hau da gogoan hartzen dudan aurreneko aukera, bestea ez baitzait batere gogoko, beldurgarria begitantzen zait-eta. Bigarren aukera oraindik ametsetan egotea litzateke, hau da, etengabeko lokamutsari eustea. Etzanda nagoen ohe marduletik jeiki eta oinak zoruan jarri orduko aurreko arasan isiotuta dagoen lau adarreko zutargiaz jabetzen naiz. Baina ez dut aukerarik tramankulu horren esanahia asmatzeko ohetik bizpahiru urrats emandakoan gelako atetxoa zabaltzen da-eta. —SARA, ZU ZARA! –deiadar egin dut pozaren pozaz, Sara ikusteak museoarena nolabait egiaztatzen didalakoan. —Bai, ni naiz Shara. Nola asmatu duzu –galdetzen dit bat-batean zeharo ezezaguna begitantzen zaidan neska kikilduak. —Sara, laztana, ez nauzu ezagutzen edo? –hasia naiz sumatzen zer gertatzen ari den, baina, badaezapada. —Noski baietz, zu zara orain dela pare bat egun nire aitak kalean maspil-maspil eginda bildu zuen gaztea –argitu dit Sararen kopia peto-petoa den eta inola ere aurpegira zuzen-zuzen begiratzen ausartzen ez den neska beltzaranak, hau da, nire benetako Sarak baino ilaje zein larru ilunagoak dituenak. —Orduan zu ez zara Sara –bota egin dut ia ahapeka eta erabat abaildurik. —Oraingoz behintzat Shara Ben Gaon, edo Shara Ben Yakoob, gurean artean esan bezala – horra hor neskaren erantzuna, oraingoan zuzen eta agian ere apurtxu bat destainaz ere aurpegira begira-begira. —Oraingoz? –galdetu diot benetan txunditurik. —Bai jauna, ala ez al dakizu zure jendeak herritik bota nahi gaituena? –lehen baino ausartago. —Nire jendea? –garai honetan galdu nintzenez geroztik dena arrotz egiten zait. —Ez egizu tontoarena, ondotxo jakin behar duzu-eta, zuek kristauok eskatuta Gaztelako erreginaren erabakia –amorrua eta guzti sumatu diet bere hitzei. —Ba ez, baliteke hartutako kolpeak edo ahaztu izana –saiatzen naiz nola edo hala desenkusatzen. —Gaztelako judu guzti-guztiak kanporatzeko agindu du Isabel erreginak –azaldu dit betoskoa jarrita. —Ez nekien ba –baina bai juduen kanporaketa suertatu zela orain dela bostehun urte-edo, mila laurehun laurogeita hamabian, lehendabizikoz ere data dezaket nire amesgaizto hau, zertarako? Auskalo!- Ezin duzu asmatu nola gaitzesten diodan erabaki horri, bidegabekeria galanta begitantzen zait, Erresumari kalteak besterik ekarriko ez dizkiona, bihotz-bihotzez diotsut. —Lasai, mutil, sinesten dizut, badakit kristau guztiok ez digutela halako kalamidaderik opa, ez luke zentzurik hainbeste mendetan elkarrekin bizi eta gero, egon behar da halabeharrez zu bezalako juduzaleren bat –begi bistan dago neska honek nire Sara bezain zorrotz eta zirtolaria dela, nik uste ere berak aukera ematekotan ederto konponduko garela-. Egia esan, kanporaketa aspalditik espero genuen, esan liteke aldez aurretik iragarrita dela, badira urte pila antzeko neurriak edo legeak sortzen ari direla Torquemala malapartatu hori bezalako elizgizon konbertso sasikoak. Orain arte, ordea, Gaztelako erregeen babesa genuen saskikumeon eskariei aurre egiteko koroaren altxorra ginen aldetik. Duela urte gutxi batzuk Inkisizioak Sevilla, Cadiz eta Cordobako diozesietako judutarren kanporaketa lortu zuen, baina Jainkoari esker Errege Katolikoek behin behirro babesa eman ziguten. Oraingoan, aldiz, dena ezin txarrerago okertu da Granada erresuma mairua menperatu eta gero, badirudi Elizaren laguntza oso garrantzitsua izan dela konkista antolatzerakoan, hori dela eta azkenean “betiereko irtenbidea” lortu dute gure etsaiek: konbertitu ala erbesteratu, hori da eskeinitako aukera bakar-baka- rra. —Eta zuek zer egingo duzue? –ausartu naiz galdetzen doi-doi. —Zer gura duzu egitea? –erantzun dit Sharak benetan harrituta- ez diogu sekula uko egingo gure fedeari, bilduko ditugu gure hondasun guztiak eta Nafarroa alderantz joango gara. —Ez al dizu penarik ematen zure jaioterria behin betiko uzteak? —Gure egiazko jaioterria gure arbasoen fedea da –esan du neska juduak serio-serio. —Zure jokaera hori laudagarria da, benetan, baina... —Ez dago bainarik, hemen ez gaituzte maite, beraz hemendik egingo dugu alde –Shara honek gero eta antz handiago hartzen dio nireari. —Tira ba, ez dakit zer esan... —Zerbait esan nahi baldin baduzu zatoz nirekin beheko solairuraino nire aitari eskerrak ematera kalean bildu, bere etxera eraman eta zeharo sendatu zaituelako –proposatu bai- noago agindu egin dit Sharak. Liburutegi moduko ganbera batean, pergamu artean buru belarri, bizar zuri eta ia sudurra bezain luzea duen agure batek hartzen gaitu, Sharari musu eman eta niri bi eskuak luzatu eta hestutu egiten dizkit agurtzearren edo. —Pozten nau zu ia zeharo osatu izanak -esan dit goitik behera agudo begiratu eta gero- kalean bildu zintugunean maspil-maspil eginda zeunden. Egundoko egurra eman zizuten, ezagunak al zenituen zure oldartzaileak? —Ez, laburrak ote ziren –azkenean asmatu egin dut, ez baitakit oso ondo noraino komeni zaidan egia osoa esateak ala isilean gordetzeak. —Noski, hiria gero eta arriskutsuagoa bilakatzen ari da aspaldiko partez –esan du agureak gogoeta beste inon duela. —Guretzat arriskua betikoen aldetik sortu ohi da –moztu dio bere alabak oso modu zakarrean. —Eta betiere jakin izan dugu aurre egiten –erantzun dio aitak betoskoa jarrita, badirudi Shararen portaera ez duela batere gustuko. —Eta oraingoan nola egingo diogu aurre Erreginaren kanporaketa aginduari, ez baitigute ere denborarik uzten gure ondasun guztiak behar bezala saldu edota biltzeko –norbaiti aurre egitekotan oraingoz aitari ari da alaba odolberoa. —Halako kinketan gure arbasoek beti egin zuten bezala, eskaintzen dizkiguten aukera bakanetara nola edo hala moldatuz –erantzun dio aitak alabari gogor eta zorrotz. —Gure hurko arbasoak hiri honetako Judumendian ehortziak daude, jaio eta hil bahi dudan lurrean, ez dut ezertan burua makurtu behar hemengoa ez naizela esaten didatenen aurrean –oihu egin du Sharak negar zotinka hasi aurretik. —Shara ezin zuzenago dago, ezta batere bidezkoa zuekin egin nahi dutena –ausartu naiz esaten ustekabez, neskaren zentzunezko hitzek eraginda edo, etxe honetan apopilo hutsa naizen aldetik euren ika-miketan sartzeko inolako eskubiderik ez dudala zeharo ahaztuta. —Eskertzen dizkizut zure hitzat bihotz-bihotzez, baina jentila zaren aldetik ezin duzu ulertu gure herriak mendeetan zehar pairatu beharreko zorigaitza –errieta egin dit agureak guztiz irribarretsu eta abegikor. —Noski ezetz, baina bai eta ezin hobeto Shararen esandakoaren muina –oraingoan nik aurre egiten diot agure asko- jakin honi, nire laguntzaile eta osagile eskuzabalari- bera hemen jaio eta hemen hil nahi du, edonork uler dezake. —Ba nik ezin dut, batez ere gurea herri alderraia den aldetik, hori bai dela jundu izatearen muina –adierazi digu inoiz baino jakintsuago eta estrainekoz ere hiriko juduen buru nagusi agertzen zaidan agure bizar zuri luzeak. —Judua edo kristaua bainoago pertsonak omen gara –ez dut inolako asmorik inoren aurrean kokiltzeko. —Arrotzarekin bat nator, oso –aurreratu zait Shara. —Ederto ba, hori horrela bada, benetan sinesten baldin baduzu, laztana, baduzu aukera paregabekoa hemen bizitzen jarraitzeko –Shararen aita inoiz baino serioago. —Zein ba? –galdetu dio alabak aztoratuta. —Edozer erabaki baino lehenago zurekin hitzegin nahi nuen bakarka, baina tira ba, hain erresumindurik zaude, ezen gizon honen presentzia ezin aproposagoa begitantzen zaidan aspalditik gogoan nuena behingoz azaltzeko –agurearen begiek dir-dir egiten dute bat-batean. —Esan ba –Shara eta biok jakinminaren menpe. —Orain dela egun batzuk udaleko ordezkari den Juan de Salvatierra jaunak proposatu zidan kanporaketa agindua betetzeko egunaz gero hirian urtebete jarraitzea sendagile lanetan. —Sasiko halakoak! –deiadar egin du Sharak- Gure lurretik botatzeko ez dute eragozpenik, baina bai euren mediku alprojen orden benetan sendatzen dituen mediku juduarengana erreguka joateko. —Ixo, Shara, adi egon esan nahi duzudanari –agindu dio aitak- baduzu aukera bataioa hartzeko eta batez ere kristau batekin ezkontzeko hemen bizi ahal izatearren. —Eta nire fedeari uko egingo diot –galdetzen du Sharak harri eta zur. —Bai horixe, itxuraz behintzat, baina zure baitan ordea gure arbasoen fedeari eutsi ahal izango diozu –argitzen dio aitak. —Eta norekin eskundu nahi nauzu –Sharak dio, ia bere onetik at. —Nik uste gure lagun honek baduela gure ardura nola ordaindu... IV Sararekin, ez, barkatu, nire aita Maria Dieguez de Gauna andrearekin ezkondu eta bere aitaginarrebak mailegu onean emandako zenbait sosez nire aitajaunari berari erosi egin zion dozena erdi bat kupel ardoa Errioxa aldetik ekartzeko asmoz. Aitajaunak ez zion inola ere ezer saldu gura, oso argi eta garbi esana zuen nire aitak Olartetarren aroztegiaz kargu egiteari uko egindakoaz gero ez zela bere semea, are gutxiago fidatzeko inor, arrotz larrusendo handimandi bat baino. Egia esan, nire aita arotzen ermandadetik bota egin zuten behin betiko, nahita ere ezingo zuen inois behin berriro kupelgintzan jardun. Hala eta guztiz ere, inork ez zion eragotzi merkataritzan saiatzea, diru falta ez badin bazen edota nire aitajaunak amore egin zezan hiriko handiki baten arrimua. Noski, aitajaunak ezin zion inola ere ezetz esan bere seme ernegatuarentzako kupelak saltzeari jaio aurretik ere etxagun zein jagole duen Ollanda Dorreko Iñigo Velez de Gebara jaun txit prestu eta boteretsuak berak agindu egin ziolako, hain zuzen. Ulertu ere ezin zuen ulertu aitajaunak zer dela eta nire aita bezalako alproja batek hain jaun ahaltsuren arreta zein babesa lortuak zituen. Susmoa bai, bazeudela hirian bolo-bolo ari ziren zurrumurruak, eta ia denak aspaldiko mediku judu oso ezagun eta aberats batekin elkarlotuak. Badirudi judu horrek, Erregina Katolikoak agindutako kanporaketa dataz eta hiriko udalak propio eskatuta urtebetez mediku lanetan jardun eta gero, bere alaba kristautu berriarekin ezkondutako gazte sendo eta kementsu bati bere ondasunetako puska eder bat ezkonsari eta beste puska handiago bat mailegutan eman zizkiola. Nolabait ere, eta bere jatorriko jendearekiko gauza guztien gaineko mesfidantza zein bortizkeria aldez aurretik kontutan hartuta, halako emaitzaren zilegitasuna inork dudatan jar ez zezan aspalditik babesle zein zorpeko ere zuen Iñigo Velez de Gebararen jaunarengana jo egin zuen erreguka. Betiko mihiluzeen ustetan bazuen, gainera, motibo on bat bere bizi osoko azken faborea eskatzeko: Ollanda dorreko jaunak arerio zituen hiriko hainbat jaunak bere suhigaia bidali egin zuten bera akabatzeko, hau da, Gebatarren hiriko nagusigoa nola edo hala baina baita zuzen-zuzen ere gutxiestearren euren malgapekoetariko bati kalte egiten zioten aldetik erronka gisara. Dena dela, eta hegoaldetik hirbururaino ardoa kupeletan ekartzeko behar adina diru eskainitakoan, Ollanda Dorreko jaunak idazkari ere hartu zuen nire aita. Azken hau oso garrantzi handiko gauza izan omen zen nire aitak bere senitartekoen patuari uko egin eta gero, hots, nire aitajaunaren aroztegia bertan behera utzi eta gero, nolabait bizkarra eman zion artisauen taldeak barkatuta izan zedin, eta baita zeharo arrotz eta ia bultzaka sartu berria zen beste giza taldeak, merkatarienak, muzinez eta guzti onartuta ere. Aita merkatari zen, oso merkatari azkarra ere bai, bizpahiru urtez negozioa sendotu eta berehala zabaltzeari ekin ziona. Hiribururaino ekarri ez ezik, hegoaldeko ardoa iparraldeko lurraldeetara ere eroaten hasi zen behin kupel eta mando gehiagoz hornituta. Esan liteke laster, oso laster, aberastu egin zela ia den-dena ezin hobeto suertatu zitzaiolako, aurreneko etekinak lortu bezain laster gainerakoak erreskadan heldu zitzaizkiola. Alabaina, ezin diogu meritu osoa bere patu onari egotzi. Nik behintzat ez dut horrelako pitokerietan sinesten eta bai nire aitak izan zuen aukera paregabekoan bere negozio zorroztasun berezkoari eusteko. Nire aitak bazituen Taborniga herrian ardogintzan ari ziren senitartekoak. Horrenbestez, ez zitzaion askotxo kostatu hauek konbentzitzea bere negozioan parte har zezaten etekinen lagin baten ordez. Horretarako ere zineztatu egin zien bere jaun Iñigo Velez de Gebararen agindua zuela hiriburuko zein gebaratarren jaurerrietako tabernari gehienek bere ardoa erosiko ziezaioten. Ez zuen, beraz, hiriko gainerako merkatarien aldetik oztopo handirik arian-arian laster eta artez aberasteko. Horrela izanda, sendagile saiatu eta zintzoa, urraiztar guztiek estimatuta eta goraipatuta, eta hala eta gutiz ere herbesteratu behar izan zuen aitaginarrabak jaregindako Kalebarriko etxebizitza utzi eta hiriko merkatari aberats gehienak bizi ziren Errementeria kaleko jauregi xume baina dotore batera aldatu egin ziren nire gurasoak behin betikoz. Bertan, Ollanda Dorrearen itzalpetik gertu-gertu zegoen jauregi batean jaio egin nintzen ni, behinola Joan Ruiz de Ozenda eta Maria Diez de Abezia jaun-andreek Erremenderia kaleko bost orubetan eraikitako harrilanduzko jauregi errenazentista batean eta geroago gebaratarren eskuetara igaro zena ez dakit nik zeren ordainez. Edonola ere, kalez aldatutakoan nire aita Ollanda Dorreko jaunaren idazkari izan ez ezik maizter ere bilakatu egin zen. Orduz geroztik, eta batez ere gebatarraren eskakizunak areagotu ahala, nire aitak gogoan izan zuen ia gauza bakarra maiztergo pozoitsu hori bere bizkar gainetik kentzea izan zen. Ez zuen lortu bizi bitartean, Ollanda dorreko jaunarekiko mendekotasunetik askatzeko irtenbide bi zituen bakar-bakarrik: gebaratarrei bigarren aldiz traizio egitea, hau da, Paterninarren taldekoei, eta Kantoiko jendearekin bat eginez, ala bestela, behar bezain diru irabaztea ardoaren saleroskeraren bidez Ozendatarren jauregiaren edo beste baten jabe bihurtu ahal izatearren. Aurrenekoa, ordea, ez zen batere egingarria, batez ere Salvatierra anaiak eta enparatukoen aginduari muzin eginez nire aitak garbitu behar zuen judu gorrotatuaren alabarekin ezkondu eta gero. Bigarrengoa ere ikaragarri gogorra begitandu egin zitzaion nire aitari, gurea bezalako jauregi bat erosi ahal izateko ardoz zamaturiko mando andana eta baita hainbat joan-etorri ere ezinbestekoak omen ziren behar besteko diru bildu aurretik. Saiatu, saiatu egin zen nire aita bere negozioa zabaltzen, baina horretarako ere gebaratarrengana jo behar izan zuen beste behin, hiriko inork ezer saldu nahi edo ahal ez baitzion Ollanda Dorreko jaunaren baiezkorik gabe. Hala eta guztiz ere, nire aitaren libertatearen kalterako zein nire senipartearen onerako, Iñigo Velez de Gebaratarren idazkaria gero eta gehiago zordun egin zen bere senitartekoen ardoa kostaldeko hiri ia guztietara eroan ahal izateko asmoz. Ondo esan dut, nire aitaren kalterako inoiz ezin baitzion uko gebaratarren esanekotasunari, baina niretzat ezin hobeto dirutza ederra jaso egin bainuen aita hil eta gero. Nolabait esateko, nire aitaren ardo salerosketaren mozkinak hain handiak izan ziren, ezer negozio berri eta handiagoei ekiteko kemena piztu egin zuten nigan, besteak beste Tabornigako ardoaren ordez Arandio mendilerroko artzain saiatuek egiten zuten artilea kostaldeko portuetarantz garraiatzea. Nire asmoa zen oso argia, Arandioko artilea Flandes aldeko itsas merkatariei saldu eta bertan manufakturatutako oihal finak erosi nire hirian zein ingurukoetan banatzearren. Horrenbestez, falta nuen bakarra bere sosak nire aurrezkiekin batera jarri nahi zituen bazkide bat omen zen. Eta zein bazkide egokiago edo eskuzabalago, aitaginarreba baino? Banuen aspalditik emaztegai bat gogoan, auzoko ere nuen neska guztiz gazte, eder, lirain eta batik bat leinu oneko bat: Teresa Martínez de Ollauri. Bazen ezkontza ezin aproposagoa, bai nire xede komertzialei eusteko, bai nire seme-alaben ama izateko. Bestela esanda, Teresa ezagutu eta bertan maitemindu. Harrezkero nire etorkizuna ezin oparo eta zoriontsuagoa begitantzen zitzaidan, oroz gain behar besteko ondasunez eta haurrez, hots, oinordekoez josita. Tamalez, nire leinuaren patua ez omen zen nik uste bezain garbia, jadanik nahikotxo ahaztuta bainion nori zor nion ordura arteko zori ona. Izan ere, Ollanda Dorreko azken gebaratarra aspaldi joana zen bere leinukoek Guadalajara aldeko lurjabego zabalean duten gaztelura bizitzera eta orduz geroztik ez zegoen hirian nire auzoko jeloskor eta batez ere mendekugoseengandik babesteko inor. Banuen bai Paterninarren taldeko beste leinu batzuen onespena, baina inola ere ez hauen babesa nire ezkontza zapuztearren egin zidaten salaketa ezeztatzerakoan, haietariko inork ez baitzuen gogorik, ez adorerik, Santa Inkisizioari aurre egiteko. Egiazko federa itzulitako emakumezko judu baten semea izanda aspalditik beldurrak nenbilen behin edo behin Inkisizioarekin tirabiretan sartuko nintzen. Ez naiz hain inozoa nire burua On Bildur buruzagi duen erakunde baten nahierakeriatik libre ikusteko. Amak berak gaztigatuta ninduen halako batean bera ere bele beltzen epaitegiraino eramana izateko etengabeko arriskutan zegoela, ezagun bazituela bera bezalako lagun judu pila bat bataioa hartu eta gero halako funtsik gabeko salaketei aurre egin behar ziotenak. Aitak ordea gogoratzen zidan behin eta berriro Garzia de Olarterrak betiereko leinu kristaukoak ginela, ez nuela alde horretatik ezeren bildur izan behar gure arbasoak Taborniga herriko aitoren seme-alabak eta batik bat kristau zaharrak zirelako. Alperrikako aholkuak aitaita mediku judu txit ezaguna eta honen alaba konbertitua nituen-eta, inola ere eskualdeko herrixka bateko nekazari batzuen odol garbiak arindu ziezadaken zama nire hiriko etsaiek xaxaturiko Elizaren erakunde zorrotz eta gupidagabe baten aurrean. Jakin bagenekien ere salaketa gehienak inbidiak zein mendekuak eraginda zirela, baita Elizak hau guztiaren funsgabekeria aintzakotzat har zezan bere pareko edo agian handiagoa zen beste botere baten laguntzaren beharrean geundela ere. Gure hirian bertan Eliza baino boteretsuagoa omen zen inor izatekotan herriko handiki leinuen buruak, hau da, Ahaide Nagusiak, genituen soil-soilik. Hori dela eta, Inkisizioaren epaitegiaren aurrean aurkezteko agindua heldu orduko nire seme Iñigo Guadalajara aldera bidali egin nuen egundaino babesle genuen Ollanda Dorreko Gebaratarren premuari gure hiriko etsaien azpijokoaz berri eman ziezaion. Bien bitartean, aldiz, nire burua hirian Inkisidorearen ordezkaria zein kantoikoen taldekoa zen Juan de Anda komisarioaren eskuetan jarri eta bere salaketaren nondik norakoak, «había renegado de Dios y de Nuestra Señora y de la leche que mamó», entzun eta gero Cahahorrako kartzelaraino bidali egin ninduen ustez edo epaitua izatearren. Gauean leotzean nengoela nire egoera ezin petralagoaz gogoeta egiten saiatze aldera, aspaldidanik txitean-pitean eta ia beti ametsetan gogora ekarri ohi dudan burutazio bati ekin nion enegarren bider. Ni ez naizela garai honetakoa sinetsia nago, hots, jaio egin nintzela oso ondo bereizten ez dakidan etorkizun batean, orain dela mende pila, dena ezagun, gertuko eta oraingoarekin alderatuta hamaika aldiz aurreratuagoa, atseginagoa eta batik bat libreagoa zaidala. Hori dela eta inguratzen nauen ia guzti-guztia arrotz eta maiz ere gozage sumatzen dut, bizi ari naizen mundu honen parte ez banintz bezala, kanpotik etorritako atzerritar bat baino, oso kanpotik, edo gerotik hain zuzen, etorrikakoa. Askotan gauzak ere ikuspegi horretatik ikusten saiatzen naiz, hau da, mundu guztiz zuzen eta libreago batetik ezustean edo iritsitako gizakume arrotz baten begietatik. Orduan ikusten dudan guztia gaitzesgarria eta begitantzen zait, itzela, boteretsu bakan batzuek euren gogara eta batez ere onurako antolaturiko gizarte bidegabe eta guztiz errukigabe batean bageunde bezala, non gizakien arteko aldeak gaindiezinak diren, eta baita ezjakintasuna zein edonongo bortizkeria nagusi ere. Dena dela, aitortu beharrean nago ere gogoeta honen nondik norakoak oso susmagarriak direla, berehala antzematen dela benetako zioa: nire subkontzienteak errealitateari uko egiteko asmatutako saio alperra. Errealitatea, ordea, nik uste eta nahi baino gordinagoa omen da beti, batez ere ni bezalako ama konbertitu baten semearentzat fede bakarra aldarrikatu eta onartzen duen erresuma atzeratu eta txit jerarkiko-fanatiko batean. Errealitateak leotz honetaraino ekarri nau nire etsaiek mendeku gisa erabili gura dituzten salaketa batzuei aurre egiteko, inola ere ezeztatu behar ez nituzkeenak nire burutapenaren arabera gizakumeak libre eta ahal den moduan ere ikasiak edo gutxienez buruargiagoak izango ziren nire ametsetako gizarte batean bene-benetan bizi banintz, non nork bere fedeari nahi bezala eusteko eskubide osoa izango lukeen. Baina, ametsak amets bizi naizen mundu honetan ez naiz sekula libre izango, Ez behintzat edonork, edonoiz, ezustean eta ia beti zuzengabe salatu, atxilotu eta kondenaturik izateko beldurretik, hau da, nire arbasoengandik oinordetutako kulpa baztergabekotik, gu jaio eta atoan errudun bilakatzen gaituena enda madarikatu baten odola eramateagatik. Badakit nik hamaika zentzuzko lagunekin batera, konbertituenganako herrak eta etengabeko eraso zein salaketek ez dutela buru buztanik, zoramendu guzti honen atzean oso bestelako asmo susmagarri batzuk direla, besteak beste kristau zaharren gogoa merkataritzan zein administrazioan lehiakide izan ohi dituzten konbertituak halako azpijoko maltzurrez baztertzeko asmoz. Gogoratu besterik ez dut egin behar nire hiriko leinu konbertitu ospetsu eta diruz behintzat boteretsu bati orain dela bizpahiru urte doi-doi gertatutakoa. Sanchez de Oñate kristau berriez ari naiz, noski, Kordoi Etxe famatuaren etxagunak, merkatari leinu guztiz saiatu eta ustez edo nire hiriko handi-mandikiekin ikaragarri ondo erlazionatu bat. Tamalez, badirudi Sanchez de Oñatetarrak ez zeudela beraiek uste bezain ondo onartuta eta batez ere babestuta hiriko handiki guzti-guztiek. Azken hau gauza jakina zen hiri osoan, ezin zen besterik izan merkatari txit azkarrak eta arrakastatsuak ziren aldetik. Ezin ziren guzti-guztiekin ondo edo gutxienez komeni izan bezala konpondu. Merkatalgintzak ez du aukerarik ematen horrelako adiskidantza guztiz inozo baterako, merkatua bataila leku omen da, eta behin batailan sartuta etsaiak edonon sortzen dira halabeharrez. Haiek bazekiten, nik bezainbeste, etsaioi aurre egin behar zietela nola edo hala, ez zela posible den-denok euren alde izatea, negozioetan garaile izateko beste batzuk galtzaile ere gertatu behar direla. Izan ere, merkatuan zein hiriko agintean aurkako zituzten gainerako leinu boteretsuen eraso zein salaketak saihestu edota gogor egiteko guztiok baino are boteretsuagoak ziren beste jauntxo batzuen laguntza lortu egin zuten hainbat mota eta zenbateko opariez bitartez, hau da, Oñatetarren patrikak diruz mukuru egon bitartean. Onbidearen nondik norakoak ez dira inoiz erraz asmatzekoak, beraz, eta badira boladak aurrera ezin atera izaten direla baten batek daki zeren erruz ala inork inola ere aurrez ikus ez dezakeen motibo edo ustekabekoagatik. Oñatetarrei halako bat suertatu egin zitzaien Gaztela aldetik ekarri ohi zuten artilearen salneurriek gainbehera ederra ezagutu zutela Europan erlijio gatazkak ia oharkabean sortu orduko. Mozkinak Sanchez de Oñatetarren etxean murriztu ahala hiriko handikien adiskidantzak zein leialtasunak ere beherantz egin zuten. Egia esan, Gaztelako artilearen garraio eta salerosketaren negozioak porrot egindakoan Oñatetarren diru sarrera gehienak eskualde osoan sakabanaturik zituzten lur jabegoen errenten bitartekoak bilakatu ziren, hain justu ere ordura arte lagun zein babesle zituzten hiriko handiki askok gutiziatzen zituztenak. Haietariko bat Pedro Sanchez de Oñate Inkisizioaren aurrean salatu egin zuen Juan Fernandez de Paternina, Arraraingo dorretxeko jauna eta aspaldidanik bekaizkeriak akuilaturik Oñatetarren lurrak eskuratze aldera azpijanean zebilena. Judu zein kristauen Jaungoikoari esker, umetan Jonas izandako Pedro Sanchez de Oñate kristau berriak Arraraingo Dorretxeko Jauna auzitara eraman eta hau kondenatzea lortu egin zuen. Badirudi merkatari kristautu berriak auzialdian izandako defentsarik hobea bi urte lehenago ezkondutako andrearen belauna izan zela: Maria Ruiz de Ozenda, Urizarra herriko jauntxo eta Gaztelako Alferiz Nagusia izandakoaren alaba, nork leinu kristau zahar baten ondorengoa izanik Pedro Sanchez de Oñate judu kristautu berriarekin ezkonduz ausardi itzela erakutsi egin zuen. Tamalez, Paterninatarrak ez zuen amore eman, eta aita zendu orduko honen oinordekoaren kontra jo zuen mendeku bila. Ezin jakin nola, baina galdutako auziaz gero bi urtetara Joan de Fernandez de Paternina jauna jabetu egin zen, hiriko kristau zahar eta etxe ezin hobeko Juana Ibañez de Quintana andrearekin ezkonduta egonda ere, bigarren Pedro Sanchez de Oñate merkatari saiatu eta batez ere bidaiatuak Nafarroako Viana aldean maitale judu bat bazuela. Ez zuen denbora alperrik galdu, hiriko alkate izendatutakoan Juan Fernandez de Paternina jaunak bigarren Pedro Sanchez de Oñate salatu egin zuen fede ukatzailea zela eta bere moduko beste hainbat konbertitu susmagarrirekin Nafarroako Viana herrian biltzen zela euren fede juduaren betekizunak zirela aitzakia. Torturatu, berrogeita hamar zafraldi jasoarazi, mihia moztu eta pikotan iltzatzeko agindu zuen Juan Fernandez de Paternina alkate berriak bat ere epaiketarik egin gabe. Agidanez, Sanchez de Oñate honek ezin zuen behar besteko diru bildu salaketak arbuiatzearren alkatea baino epaile zuhur, eskuzabal eta batez ere boteretsuagoak zirenen laguntzaren bitartez. —Baina ez ahaztu, Martin, azken Pedro honen seme eta Ganibeteria kaleko Kordoi Etxe famatuaren jabea zen Juan Sanchez de Oñaterekin, Aberatsa goitizenekoarekin, saiatu ere egin zirela halako bidegabekeria egiten alper-alperrik. Zuzen eta azkar zegoen nire aitaginarreba gaia, kartzelan bisita egitera joanda azaldu zidanean; nahiz eta Juan Sanchez de Oñatek, Juan Aberatsak, kordoi frantziskotarra landu zuena bere etxe atariko harrian, jendaurrean kristau zintzo eta dohatsu agertu, haren arerioak saiatu egin ziren etengabe Inkisizioaren hatzaparretara jaurtitzen. Ez zuten lortu, ez, Aberatsak bere diru osoa baliatu egin baitzuen bere aurkako salaketa guztiak hurrenez hurren eta ezin artetsuago ezeztatzeko. —Nik ere ordain nezakek derrigorrezko borondateren bat hire auzia bertan behera gera dadin –gaineratu zuen nire emaztegaiaren aitak, Diego Martinez de Ollauri merkatariak. —Baina nik ez dut ezer egin, ni beti kristau zintzo-zint- zoa izan naiz eta ez diot inoiz nire fedeari muzin egin –erantzun egin nion zeharo atsekabeturik. —Noski ezetz, hori badakit nik inork baino hobeto txikitxikidandik ezagutzen haudan aldetik, bestela ez niake inondik ere nire alaba kuttuna emaztetzat emango –merkatari askojakinak lasaitu ninduen- baina, badakik noren semea haiz, betiere izango duk makula hori hire gainean. —Bai, mundu honetako ez izatearena... -bota egin nuen ustekabez. —Zera? —Deus ez, gogoetatsu nengoen bidegabekeria eder hau dela-eta –ez nuen inolako gogorik nire aitaginarreba-gaiarekin nire barreneko kezka zein ametsen kontura eztabaidaka hasteko. —Ez diok zure buruari inolako errurik egotzi behar, oso fede oneko mutiko zintzo eta zuhurra haiz –orduan begitandu zitzaidan bere alabari baietz esan aurretik ere suhitzat hartzen ninduela- Hire akats bakarra negozioetan sortutako arerioek hi baino maltzurragoak izatea, batik bat salatu egin hinduena. Ala uzte al duk haietariko baten batek ezinbesteko borondatea ordaindu ez zuenik auzitara eroan hintzaten nik asmoa izan baino lehenago? —Baliteke, noski, halako jende maltzurra, bihozgabekoa, ustela izatea. Baliteke lagun ere nuen norbait ni salatu izana, baliteke ere hau guztia amesgaizto bat baino ez izatea –ageri zen ametsarena gero eta gogokoago nuela. —Edonola ere, orain ezin duk amore eman, ez eta tormentura eramanda ere... —Tormentupean jartzen baldin banaute gauza naiz esateko Kristori berari iltzeak jarri zizkiona izan nintzela –ametsetan ari nintzela zer axola zidan niri halako birao bat botatzeak ere. —Orduan nire diligentzia guztiak alperrikakoak izango dituk –igarri egin zidan honezkero nire aitaginarreba bezala jokatzen zuen Diego jaunak sudurra zimurturik. —Baina nik ez dakit nola ordain... esker niezazuke hau guztia... -gaztigatu egin nion —Lasai hadi, motel, asmatuko duk hik, oso mutiko saiatu eta azkarra haiz, hire adinekoen artean negozioetan ezagutzen dudan adituena, biok jakingo diagu nola garaitu gure etsaiak... V Askatu egin ninduten, kartzelatik eta batik bat Inkisizioren esku zein tramankulu gupidagabekoen tormentutik behinik behin. Tormentua, aldiz, geroxeago nagusitu egin zen nire bizian. Familiaren tormentua, benetan jasanezina, hau da, ni aitaginarrebaren eskuetan jausitakoan ezagutu egin nuena egunik egun. Hasiera batean Diego Martinez de Ollauri jaunak maileguz emandako diruaz nire onbidea zabaltzeko inbertitu eta mozkinak patrikaratu ahala ezin hobetu konpondu egin nintzen bai aitaginarrebarekin zein emazte izan nuen bere alabatxoarekin. Maria Martinez de Ollauri ez zen nolabaitekoa, hau da, bere giza taldeko emakumezko buruharro eta aldi berean ere senarrarekiko otzanak, gizonezkoen mundutik zein euren kezketatik ahalik eta urrinago bizitzen saiatzen dena, andrezkotzat hartzen diren eginkizunetara emana, emetasuna bizimodu zein kaiola bilakatuz. Ez eta urrundik ere, Maria bere aitak ez izandako premua omen zen, merkatariaren dohain guztiak heredatu eta bere ogibidearen amarru zein sator-lan guzti guztiak ezin hobeto zekizkienak, bere aitaren altzoan hezi baitzen bere adineko neskato gehienak amarenean ostendu eta koskortu bitartean. Hori zela eta, Mariarekin ezkondu izana bere aita bizkar gainean izatea bezalakoa suertatu egin zitzaidan. Izan ere, aitortu beharrean nago Mariaren interesak ez zirela inoiz nireak izan bere aitarenak baino. Jakina, ez nintzen maite nuen andrearekin ezkondu, nahiz eta nire gustuko neska izan, ene ustetan ikaragarri ederra eta batez ere aparteko sasoikoa, hots, gutxienekoa ene bizilaguna bilaka zedin. Baina ez zen inondik ere maitemindu egin ninduen emakumea, nire aitaren ustetan komeni zitzaidana baino. Egia esan, erakarri, liluratu eta maitemintzeko aukerak zituztenak oso bestelako emakumezkoak izaten ziren, batez ere bigunagoak, alaiagoak eta eskuzabalagoak ere izaten zirenak, hau da, Mariaren aldean. Nire emaztea ederra bezain harroa zein gogorra zen aitzitik. Horrexegatik argi eta garbi esan behar dut, Maria Martinez de Ollauri emazte nahi nuen nire hiriko goi mailakoenen artera igotzeko asmoz, hau da, nire leinu madarikatukoek belaunaldirik belaunaldi egin bezala euren buruak babestu zein onera egite aldera. Maria alaba ezin amoretsu zein leialagoaz izateaz gain, nik aukera izan baino lehenago bere aitari nire kontuen berri emateraino, lehen esan bezala, emakume ikaragarri kiskil eta handinahia zen. Ez zuen, ez, inolako gogorik ni bezalako merkatari xume eta zuhur batekin moldatzeko soil-soilik. Edo bestela esanda, hiriko handikien parean egotea helburu zuenez gero, Mariaren txikitandiko asmo nagusia, edo agian bere aitarena batik bat, bere egoitza Goikuri auzora aldatzea omen zen. Bertan, Aizkora plaza ezagunean eta Done Mikeldi elizaren ondoan, Martin de Salazarren, Karlos I enperadorearen gorteko enbaxadorearen aginduz eraikitako jauregi errenazentista dotorea zegoen. Honen inguruan altxatzen ziren hiriko gainontzeko handikien jauregi zein oinetxe gehienak, doi-doi elkarren ondoan zein baino harroagoa edo zaharragoa, besteak beste Areta, Diaz, Estella, Garizabal, Landa, Legarda, Mendoza, Ortega, Paternina, Salinas edo Zarate leinuak, nola edo hala hiriko aberatsenak izateaz gain ohore gehien ere biltzen zituztenak, batez ere Koroarekikoak. —Urrezko Makilaren Ordenakoaren zaldun bilakatu arte gure auzokoek ez gaituzte aintzakotzat hartuko –ebatzi ohi zuen Mariak etengabean, Salazatarren jauregitik ez oso urrun, hiriaren goialdeko Santa Eulalia kaleko etxondoan bizi ginela. Agidanez, Arandio mendietan erosi eta kostaldeko portuetan saldutako artilearen dirua dezente suertatu zitzaigun hiriaren goialdeko etxe dotore eta apala –azken hau nik aginduta- eraiki eta gure auzoko berrien artean behar bezalako itxurak egitearren; ez ordea, azkenon begiramendua gureganatzeko. Ezin zen oso bestelakoa izan, Olarte etxearen jabea handi-mandi larru sendo haien begietara merkatari zikoitz hutsa eta, are okerrago, kristau berri betiere susmagarria izanda. Mariak bazekien ondo baino hobeto, nola ez, hain emakume azkarra izanda, beharbada etxeko benetako negozio-gizona, ez baldin bazen bihotzez behintzat gure etxeko merkatari bakarra, zeren eta nik negozioetan gogokoen nuena ez baitzen ezinbesteko mozkinak ateratzea soil-soilik, ez eta aterabidea bera ere, hau da, gainontzeko berezko merkatariek helburu nagusi dutena, ahalik eta etekin gehien ateratzea, mota guztietako jendearekin harremanetan jardutea zein etxetik at denbora gehien pasatzea baizik, edo bestela esanda, benetan gogoko nuena merkataritzaren nondik norakoek nire hiria begitantzenzitzaidan zulo ilun, itogarri eta hilezkorretik zein nire senitarteko zein auzokoekiko betebehar alper zein aspegarrietatik hainbat urrunen alde egiteko eskaintzen zidaten aukera paregabekoa omen zen. Ihesbide izan dut merkataritza aitarenean ikasle izan nintzenetik, oso txiki-txikitan. Hori dela eta edozein aukera edo aitzakiak balio zidan etxetik, hiritik, ihesi egiteko. Inorekin tratuetan egiteko gertu nengoen, ustezko negozio gehienok alperrikakoak izanda ere, sarri baino gehiagotan eskainitako salgaiak berez oso errentagarriak ez izan arren, benetan bila ari nintzena nire emazte zein auzokideekiko betekizunetatik ahalik eta libreen egotea baitzen. Gorroto nien, gorroto bizia, jasenezina. Norbait izatearen betebeharrak itzel aztoratzen ninduen, norbait garrantzitsu gure hiriko gizarte handiustekoan, norbait aintzakotzat. Gainerako guztiak berdin zion nire emazteari. Esan nahi dut, Mariak gure auzokideen aurrean hainbat dotoreen edo eskuzabalen nabarmentzea xede izaten zuen. Maria bizi zen gainontzekoen estimupean, sortzez edo zegokionaren arabera zein diru edo zorpeko faboreen bitartez ekinaren ekinez bereganatutako oneritzia etengabe areagotzen, badaezpada nor edo nor bere leinuaren ustezko handitasuna duda-mutan jartzen ausartzen zen. Horretarako, aldiz, nire ondasunak diru iturri agortezina ematen zuen gure jauregi apalean txitean-pitean eta ia derrigorrez ospatu ohi genituen musika zein antzerki saioak zein hiriaren goialdeko auzoenetan behar bezain aproposos, ahalmentsu, azaltzeko ezinbestekoak ziren soineko zein opari ezin duinagoak ordaintzearren. Gu ez gara garena besteok dutena baizik, horixe zen Mariaren bizileloa, oso lelo garestia, alafede. Edonola ere, hau guztiau ez zen nahikoa, edo bestela esanda, nik Mariari eskain niezazkiokeen etekin guztiek ezin zuten bete Diego Martinez de Ollauri merkatari aberats eta estimatu baten alaba zei ni bezalako merkatari saiatu baten emaztea izanda ere hiriko handikien pare-parean egoteko falta zitzaion ia bakarra: titulu bat. Titulubakoak ginen aldetik ez gintuzkete sekula behar bezain aintzat hartuko, betiere hiriko handikien aldamenean onespen eske ari ziren merkatari eskuzabalak edo handiustekoak izango ginen, hiriko egiazko handikien ospearen bizkarroi. Bazekien ere ene Mariak behin delako titulua eskuratu eta gero bigarren edota hirugarren mailako nobleak izango ginatekeela, hiriko jauntxo harroek ez gintuzketela inoiz euren modukotzat hartuko, euren begietara beti izango ginatekeka merkatari handiustekoak. Alabaina, handikion erdeinua alde batera lagata, eta beti kontuan hartuta haietako asko eta askok gurekiko zein zorren morroi genituen aldetik, hiriko jauntxo larrusendook, parekotzat ez, baina bahi behintzat aintzakotzat hartuko gintuzkete nahitaez. —Gure titulu berria zahar egingo da gure primuak oinordetzan hartu orduko –ebatzi zuen Mariak. —Zuk badakizu Cahahorrako espetxetik igaro eta gero, eta zure aitaren amarruei esker errugabe irten arren, gure auzokoen begietara susmopeko kristaua naizela, nire odola ez dela sekula behar bezain garbia izango handikien benetako onespena lortze aldera –adierazi egin nion Logroñon bizi idandakoaz pozik estreinako aldiz. —Hori ezta zuzena, maitea, den-denok badakite zure gaineko salaketa arerioren baten azpijokoa izan zela lehiakide bat baztertzeko asmotan –moztu egin zidan Mariak betosko ilunez eta guzti-. Bestalde, gaur egun erregearen zerbitzupean behar egiteko ez dio inori ardura kristau berria ala zaharra zaren, ala ez al dakizu Gorteko idazkari ia guztiak gu bezalako bizkaitarrak edo marranoak direnik? —Eta zer? —Erregearen zerbitzua dela bide bakarra behin betiko gure auzokoen parera jarriko gintuen titulu bat eskura dezagun. —Baina nik ezin dut inondik ere nire irabazpide guztiak bertan behera utzi Madril aldera joateko –aldarri egin nion benetan asaldatuta-. Ez ahaztu inoiz, mari musugura hori, gozatzen ditugun jauregi zein ondasun guztiak niri lanari zor dizkiogunik. —Baita nire aitak Logroñoko espetxetik aska zintzaten egin zizun mesedeari ere... –horra hor nire ordura arteko emazte maitea, bizilagun kuttuna eta hamaika gauzetan ere aferakide, oldarrean zordun larri bilakaturik. —Zer nahi duzu orduan egitea, Madrilera aldatzea edo? –erronka jo nion bere hiri gorroto-maitatutik alde egiteko inondik ere gauza izango ez zela, hau da, ondo baino hobeto jakinda. —Gu ez, noski, guk eutsi behar diegu gure merkatal tratuei, bestela nola kokatuko dugun gure primua Madrileko Gortean idazkari edo –erantzun egin zidan harro-harro. —Orduan gure Martin tippi bidaliko dugu Madrilera paper-txortan zein potrojorran egin dezan. —Ez horretarako, motel, ez dut inola ere erdipurdiko idazkari bat izan dadin nahi –azaldu zidan Mariak-, nahi dut erregearen ondoan lan egin dezan betekizun apaletik goreneraino, harik eta bere ekinaren ekinez zein gure zeharkako laguntzaren bidez ere hor nonbait enbaxadore izendatu arte, hori baita biderik zuzenena Erregeak lantzean behin eman ohi dituen tituluetariko bat jasotzeko ezkerronez. —Eta nola lortuko dugu gure Matxin Erregearen zerbitzupean jartzea? –banekien nik ondo baino hobeto erantzuna, baina nire emaztearen ahotik aditu nahi nuen argi eta garbi. —Badakigu gure Carlos Errege Jauna betiere diru eskean dabilela bere Europa aldeko gatazkei aurre egitearren... VI Asmoa zen bai, ni koxkortu bezain laster Madrilera bidaltzea, bertan senitarteko nuen Gorteko gizon garrantzitsu baten menpean lan egiteari ekin beharrean nengoen. Bagenuen gure amaren aldetik ahaide bat Gortean, auskalo zer gradutan, baina erregearen ez dakit zer ahokularitza sailetan idazkari nagusia zena. Konbentzitu behar genuen ni bere lan-tokian ikasle zein bere etxean apopilo onartzeko, hau da, egunero iritsi ohi zitzaizkion eskakizun guztietatik ni hautatzeko. Horretarako, zer esanik, erregearen enpresa anitzek aurrera egin zezaten ezinbesteko diru malguaz gain, gure ahaideari bere duintasunaren neurriko opari on bat ere egin behar genion, alafede. Opari duina eta benetan erabakikorra. Bagenekien ere gure ahaide urrun horren garrantzia zenbat eta handiagoa izan, gero eta opari duin eta garestiagoa egin behar geniola nola edo hala elkarren odolaren lege ez idatziei menegin ziezaien. Ez zegoen erregerai zein gure ahaideari zer nolako malgu edo opari mota egin geniezaieken asko pentsatu beharrik. Erregearen zerbitzura egindako diru malguak ondo baino hobeto erabakita zeuden, gure aitaren merkatal duintasunaren araberakoa izan behar zuen, ez txikiagoa, ez handiagoa, nire aita bezalako merkatarik batek ezin zuen ofenditu gure erregearen zerbitzua bere duintasuna baino handiagoa omen zen diru malgu batez, ez eta gure amaren leinuaren handikitasuna aldarrikatuz ere; malgua senarraren izenean egin behar zen nahitaez. Eta hau guztiau gutxi bailitzan, kontuan ere hartu behar genuen erretzerbitzarien arteko oreka, hau da, bizkaino eta marranoen arteko tirabiretan inondik ere ez sartzeko, zeren gehiegizko eskaintza bat egin ezkero bizkaino baten partetik bazitekeen besteek muzin egitea gure semeari eta ondorioz mota guztietako oztopoak zein azpikeriak asmatzea gure Matxinen idazkari karrera zupuztearren. Bagenuen, jakina, erret-zerbitzari marranoen aurrean Garcia de Olarterren susmopeko odola nolabait aldarrikatzeko, jatorriz marranoak bezain bizkainoak ginela adierazi nahian, hor zegoen froga gisa nire aitajaunaren pasadizu deitoragarria, baina trikimailu honen ondorioa guk uste baino arriskutsuagoa suerta zekigeen bi taldeen aurrean keko-meko egon nahi izaterakoan. Izan ere, nire balizko babeslearen jatorria ezin argi eta jakinagoa zen gure hiriko leinu txit prestu eta ezagun baten kidea zen aldetik: Lopez de Lazarraga zuen abizena. Hobe nuen inorekin inolako aiko-maikoetan ez ibiltzea, zeren Joan Lopez de Lazarragaren babespean ikasi eta bizi izan ezkero gainontzeko erret-zerbitzari edota idazkariek bizkainotzat hartuko ninduketen nahitaez. Bestalde, Joan Lopez de Lazarragari egin beharreko opariaren nolakotasuna erabakitzekotan zegoen. Gure amaren esanetan bere lehengusu urruna ez omen zen oso ondasunzalea, letrak maiteago zituen-eta, poeta eta guzti zuen bere burua, edozein huskeria gogotik onartuko zukeen opari gisa. Nire aitak, ordea, halako gizon handiustekoen artean ohiturazko ziren moduko opari bat egitea erabaki zuen badaezpada, inola ere errefusatu ezingo zuen fideltasun probantza bat. —Asmatu dut probintzian zehar sakabanaturiko lursailak erosten urteko errentaren hamarrena zure babesleari baldintza zein eperik gabeko mailegu modura emateko. Horrela gure ondasunak ugaritu eta aldi berean ere Lazarraga jauna gure lursailetako irabazien nondik norakoei lotuta izango genuke urte askoan, gutxien jota bere babesaren beharrik ez izan arte. Oso ideia borobila nire aitarena, nabarmen zitzaion noraino sartuta zuen odolean bere merkatari sena. Alabaina, non eta nola eskuratu lursail errendagarri guztiok. Aitak aitortu zidan aspalditik ari zela hegoaldeko lurretan bila, Ebro ibaiaren bazterretatik gertu-gertu emankorrenak zirenez, tratutan ibili ohi zen bertako lagunei galdezka menturaz merkataritza alde batera utzi eta lurjabe bilakatu behar zuen bere burua. —Hiriko bizimodua ez zait batere atsegin, beti ez dakit nik zeren errudun edo begiratzen didate nire auzokokoek. Ez litzaidake inporta hiritik alde egitea lurretik bizi izateko –esan ohi zien bere adiskide bakanei, dena itxura besterik ez bazen ere- Mariari eraikiko diot jauregi ikaragarri eder bat hegoaldeko hiri batean, baliteke Tabornigan bertan, nire arbasoen sorterrian. Eta hala eta guztiz ere ez baldin bazaio laket eskaintzen diodan bizimodu berria, nahiago baldin badu bere bizi osoko hiri alu horretan geratu bere haurtzaroko auzoko handiustekoekiko harremanetan, hor konpon, ustel dadila bere kastako larru sendoen simaurrean nik behinik behin ospa egingo dut aukera izan orduko. —Ederto ba, aita, baina nondik aterako duzu lurjabe bihurtuko gaituen jainkotxikerra? Bai noski, diru beharrean geunden etengabe, berak erdi txantxetan edo esan bezala, merkatari ausartaren patua, agian ere bere ezinbestekotasunetariko bat. Dirua gure etxearen merkatal betekizun zein noizik behin ere sortzen zitzaizkigun handiustekoei aurre egiteko, nire amaren leinuaren duintasunarekiko eskakizunak bete ahal izateko, edo bestela esanda, gure auzokoen aurrean dotore eta boteretsu, ezin airosoago edo harroxkoago, agertzeko zein gure jauregian takian-potian antolatu behar genituen gau-jaiak nolabait hiriko sonatuenak izan zitezen. —Orain arte, eta nire aitak behin eta berriro aholkatu bezala, zorrak ez izaten saiatu egin naiz artez edo moldez. Gaurgero, berriz, prest egon behar gara dena galtzeko –ebatzi egin zuen merkatari saiatuak betilun. —Zer dela eta, aita? —Ezingo dugu lursailok erosi ahal izateko behar beste ezkur lortu, lehenik ere gure diru iturria aldatzen ez baldin badugu –nabarmen zitzaion aitari esatear zuena aspalditik hausnartuta zuela. —Lanaz aldatu nahi duzu, aita? –galdetu nion ia alperrik, ondo asko banekielako hori ez zela bere asmoa. —Jakina ezetz, nola gainera? Merkataria naiz, artilearen salerosketa dut lanbide, moldatu moldatuko nintzateke beste edozein arlotan, baina badakit ere ikaragarri kostatuko litzaidakeela artilearekin lortutako antzerako arrakasta txikia lortzea. —Orduan? —Orduan gure tratuaren mugak gainditu behar genituzke nahitaez, mozkinak areagotze aldera, bestela gauden bezala geratuko gara –erantzun zidan aitak gogoan zuena asma nezan parada emanez. —Gure tratuaren bidea luzatu? –ausartu nintzen asmatzen. —Horixe, ene Matxin, ikusten?, zuk ere odolean daramazu merkatuarena –pozarren baietsi zidan aitak-artilea kostaldean saldu beharrean bere ekoizpen guneetaraino eroan behar genuke. —Flandeseraino? —Bete-betean asmatu duzu, seme. —Esan nahi duzu artilea Arandioko artzainei erosi eta hirian ala kostaldekoetan atzerriko merkatariei saldu beharrean guk geuk itsasontzi bat alokatu eta Flandesen bertan oihalgileei saltzea? —Bai seme, horixe da nire asmoa. —Nondik aterako dugu dirua itsasontzia zein gainerako gastu guztiak ordaintzeko? –baldin bazegoen inondik ere ezin asmatu nuen zerbait hori omen zen nire aitaren egitasmoaren bigarren zatia, garrantzitsuena, hain zuzen ere. —Lehen esan bezala, azken urteotan saiatu naiz kosta ahala kosta inorekin inolako zorretan ez egoten, egia esan hori izan da nire obsesio ia bakarra nire bizi osoan –gogoratu egin zidan azeri begiekin-bestetzuk ordea ez dira ibili ni bezain fin, eta beraiek dira nirekin zorretan daudenak. —Nortzuk ba? —Gure auzoko handiki handiustekoak –aitaren begiak azeritik otsora aldatu ziren- ala nondik uste duzu ateratzen zutenik zure amak berak ere hain gustuko zein ezinbesteko dituen asteroko elizkizun zein jai hutsak besterik ez ziren gaubeletan dotore-dotore agertzeko jantzi ezin apain eta garestiagoak ordaintzeko behar adina sosa? Aitak zorren kitapenaren ordez bere enpresan parte hartzeko akzioak eskatu zizkien zorren diru kopurua bikoiztuta. Horrela zorren ordaina lortu eta aldi berean ere hiriko handiki betiere diru-gose haiek mailegutakoa bikoiztuko zuen negozio baten kide bilakatu egin zituen. Bai azkarra nire aita, bai bere zordun harroen berezko zikoizkeria asetzeko argudioak- eta asmatzeko, bai Arandioko partean artilerik onena zein merkeena hautatzeko. Hala ere, aitaren merkatal trebeziak ez ninduen ordea harritzen inondik ere, ondotxo ezagutzen bainuen bere ganora behin lanean hasita. Izan ere, nire aitak ez zuen lana ogibide hutsa, biziaren funtsa baino, sarri askotan ere ihesbide. Edonolako harremanetan zegoela pozik bizi zen, baliteke zoriontsu gauzak behar bezala joan ezkero. Areago tratuok hiritik at egin behar baldin bazituen, hau da, nire amarengandik alde egiteko aukera izan orduko, bere mundu arrotz zein bizigiro usteletik ahalik eta urrunen. Garai hartan sekula ez bezala antzeman nion lanean bilatzen zuen atsegina. Egia esanda, nabari zitzaion negozioa bera ez zela aspaldiko partez hainbeste berpiztu zuena, ez eta balizko mozkinak ere, bere seme kutunaren etorkizunaren onerako egiten ari zen ahalegina baino. —Aspalditik zakiat nik hi ez haizela traturako jaioa, letretarako iaioa baino –aitortu egin zidan behin batean-, hiri alu honetan geratzekotan ez zara inoiz zoriontsua izango, ez behintzat ni nire lanean naizen bezainbeste. Dena dela, behin artilearen hautaketa egin eta honen kostalderainoko garraioa burutu zein bete beharrezko bi galera eder eta txukun alokatu eta gero, benetako arazo zein eragozpenak hasi zitzaizkigun ia erreskadan. Gaztelako flotak udaberrian irten behar zuen Flandes alderantz urtero bezala. Bien bitartean aitari, ordea, Burgos eta Anbereseko kontsulatuen baimenen zenbatekoaren inguruan edota gure tripulazioarekiko bestelako betekizun zein soldatak nola edo noiz ordaintzeko ezusteko eragozpenak pilatu zitzaizkion. —Badirudi norbait joan zaiela ni judu-kumea naizeneko kontuarekin eta nola edo hala larrutik ordaindu behar diedalakoan esperoan ditut. Baina ez zegoen jadanik atzerabiderik, alde batetik artilea Laredon bertan bazegoen aspaldiko partez Holanda alderantz noiz irten zain, portuko biltegian etengabeko kastuak sortzen eta baita usteltzeko bidean ere, eta bestalde hiriko handi-mandiak bere atzetik zituela ia egunero euren sosaz galdezka. —Pertsona bakarra dago ezagun edo ustezko lagun ditugunen artean Burgoseko kontsulatukoa konpon diezagukeena –aitak inondik ere hartu nahi izan ez zukeen erabakiaz ari zela ematen zuen-. Lazarraga jaunarengana jo behar genuke nahitaez laguntza eske, bestela akabo, dagoeneko ez dut Burgoseko lukurreruek eskatu bezainbeste dirurik, horrenbestez men ere egin behar genioke hain leinu boteretsuko kide den poeta horren gutiziari. —Zer dela eta, aita? —Poeta izanda ere aitoren seme dugulako Joan Lopez de Lazarraga jauna –aitak hasperen egin zuen-. Bere etxean apopilo eta Gortean ikastun onar zaitzan oparitxoaz aparte, ziurrenean artilearen tratutik ere zenbait etekin atera nahi izango du. Aita zuzen zegoen betiko legez, Lazarraga jaunak Anbereseko salerosketaren ehuneko lotsagarri bat eskatu zigun, bere hitzen arabera Burgoseko funtzionario antisemita porrokatuen erreparoak modurik erabatekoenean zuritzearren. Zeren, berak esan bezala ere, Kontsulatuko arduradun zituen senitarteko zein erkideen elkartasunera jo ez ezik, euren patrikeraren elkortasuna ere limurtu behar baitzuen gehienbat. —Artilea deskargatu egin badute Anbereseko portuan orain dela hiru egun –berri eman zidan aitak bere praketan pozaz ezin kabituz-, erosleak bereganatu bezain agudo itsasontziak Espainiara itzuliko dira bertan saltzeko merkantzia berriaz. VII Nik hiritik alde egiten dut. Bazen garaia, ba, nire bizi osoko ametsa, nire bizi asmoa egia esanda, nire burua benetan libre ikusteko aukera bakarra, ondo asko baitakit hemen inoiz ezingo naizela zoriontsua izan, betiere Garzia Olarteko bat izango naiz, merkatari handi-mandi zikin bat nire auzoko gehienen begietara, judu kume ezkutu bat Inkisizioarenetara. Ni banoa hegoalderantz bizimodu berri baten bila. Banoa txikitandik atsekabetzen ninduen hiri hetsi eta hits hau atzean utzita, banoa nik eta niretarrek euren lekua asmatzen inoiz lortu ez duten hiri urritik, nire leinu ilun eta eskasekoei betidanik muzin egin zien hiri arranditsutik, nire duda-mudazko kastakoak noiz edo noiz errotik erauziak izango garen hiri kristau zahar honetatik gu bezalako etengabeko susmopeko hiritarrak arriskutsuak garelakoan. Berdin die gehienak baino artetsu edo saiatuagoak garen hamaika lanbide edo zientziatan. Denok badakigu gehienok larrilarri, ia hilzorian, daudenean gutako mediku baten bila doazela antxintxiketan, kristau faltsuak eta guzti ere izanda hiriko hoberenak garelakoan, badaezpada. Banoa sekula santan ez itzultzeko, eta ez naiz hemendik ospa egiten duen nire kastako bakarra, nire aitak ere laster ospa egingo du bere etxea Miranda de Ebrora aldatzeko. Bai, jaun-andreok edo dena-delakoak, Flandeseko ehunak edo bertan hauekin irundako oihal, mihise edo bestelako zapi txit estimatu batzuk ere ez ziren inoiz iritsi gure kostaldeko inongo porturaino. Flandesen artilearen diruaz erositako merkantzia osoa guk alokaturiko itsasontzietara igo eta itsaso zabalera ere irten egin zen alafede. Hala ere, Flandeseko kostaldetik mila bakan batzuk urrundu orduko Gillen Orangeko heretiko madarikatuaren ordainpeko Itsasoko Eskale famatuek gure itsasontziak harrapatu eta Frantziako hugonoteen agindupean zegoen La Rochelleko kai menderaezineraino desbideratu egin zituzten harrapakin gisa. Dena galdu egin genuen, dena. Alabaina, gutxien galdu egin zutenak gure etxeko ateraino etorri zitzaizkigun euren diru apurren nondik norakoez galdezka, mehatxuka ere, euren maileguak hainbat arinen berreskuratzeko eskubide osoa zeukatela aldarrikatuz gure itsasontziei suertatutakoa lapurreta hutsa izan arren. Jakina, zeharo hondatuta geunden eta ez genuen zerekin erantzun haiek eskatzen zizkiguten zorrei. Haiek, noski, guk baino hobeto zekiten halako kinketan inor ez dela, ezin dela izan, errudun. Bost axola zien gure errege Felipe Handiari kalte egiteko propio itsas lapurreta bat izanak, gure etxea itsasoko legearen arabera erabat errugabekoa izatea, ez eta nire aitak berak gure senide zein adiskideei hutsaren truke erregututako diru osoa bildu orduko mailegu guztiak banan-banan itzuliko zizkiela Jaungoikoaren aurrean aginduta ere. Ez ziguten sinesten, ez zuten nahi. Horregatik nire aita itsasoan egiatan gertatutakoari buruz gezurretan zebilen leloa zabaldu egin zuten bolo-bolo. Bera bezalako juduek zein kristau berriek oso ohiko zuten iruzur bat zela, bera bezalako judu zein kristau berriek Flandes zein Frantziako herejeekin harremanetan zeudela aspaldi-aspalditik Espainiako Errege txit katolikoaren kalterako. Zorionez Burgoseko kontsulatukoek ordea gezurtatu egin zituzten funtsik gabeko salaketa guztiok. Ez zuten egin, noski, benetan estimatzen gintuztelako susmopeko kristauak ginen aldetik, Holandako erreboltariekiko guda gupidagabekoa zela medio itsasoan gero eta maizago ematen ari ziren eraso zein lapurreten galerek merkatari eta hauen bezeroen artean eragin zitzaketen auzi zein liskarrak ez areagotzearren, Erresumako hirietako bakea beti helburu. Badirudi gorenetik etorritako erabaki bat zela, katolikoek ez zutela inondik ere erantzun behar guda horretan galdutakoaz, herejeek beraiek baizik gure armadak menderatu orduko, auskalo noiz. Nolabait ere, Erregeren aginduei jaramonik muzin eginez ere gure behin-behineko bazkideei ia egunero gure etxean ate joka jardun egin dute irekitzeko orroka. Badakite ondo baino hobeto oraingoz, eta baliteke gure senide zein adiskideen aldetik iristen zaizkigun ezezkoen arabera etorkizunean ere, ez dugula inolako biderik eurekiko zorrak laster eta oso-osorik kitatzeari aurre egiteko. Ez zaie batere ardura, ordea, mailegutakoa berreskuratzeko aukerarik ez izatea. Haiek benetan bila ari direna guri aspalditik gutiziaturiko eskarmentua ematea da, behin betikoz eta galdutakoaz haraino doan mendekua hartzea. Hortakotz, gu kikiltzen, laidoztatzen, zokoratzen saiatu egin dira gau eta egun, kalera irten orduko gure musuetan erdeinuzko gorroaren mehatxua edo menturaz ere bizkar gainean aizto zorrotzaren hotza senti genitzan etengabean. Hala ere, egon bada nire aitak aurre egin ezin dion mehatxu bat: bere emazteak berak egindakoa ustekabean. —Zuk dena galdu duzu, baina nik ez dut inolako asmorik dudan bakarra galtzeko –adierazi egin zion zurrun-zurrun nire ama maiteak. Lehenbizian hiriaren goialdeko jauregiaz ari zela uste izen genuen. Okertu ginen, gorde egin nahi zuen bere izenpean, bai, baina hala eta guztiz ere ez zen gehien kezkatzen zuena. Gure amak inondik ere galdu nahi egin ez zuena Ollauritarren leinu ondratuaren partetik oinordeturiko ondra omen zen, duda izpirik gabe bere lehentasun ia bakarra. —Nik uste dut gure bideak elkarrengandik banandu beharrean gaudela, gutxienez gauzak bere onera itzuli arte, jendeak jauregi hau Teresa Martinez Ollauriko andrearena dela gogoan har dezan, eta ez behin hiriko jauntxo batzuei iruzur egin zien merkatari judu kristautu batena. Ama bere jauregi ederrean geratu eta aita, aldiz, Miranda alderantz bizitzera aldatuko zen probintziako agintari zein lege berezien eskupetik at, baina aldi berean ere hiritik gertu-gertu bertan eta ingurumarietan zituen interesei atxikita jarraituko baitzen. Ni, ordea, banoa aspaldi erabaki bezala. Alde egiten dut, baina ez nire gurasoek agindu egin zidaten etorkizun oparo, dirdiratsu, batik bat ohoragarria hasteko asmotan, hots, Madril alderantz, gure Erregeren Gortean zain ninduen eta orain gure zorduna den Joan Lopez Lazarragako jaunaren babespera. Ez, gortesau bilakatzeko asmoa zen bidea okertu zaizkit zeharo. Nire aitak txikitatik irakatsi edota jarauntsitako merkatal bertuteak profitatze aldera zein nahitaez nire amaren leinuaren ondraren neurrikoa izan behar duen ogibide bat topatzearren, urrutiago joan beharrean nago, inork inolako zorrik jaso nahi izango ez didan hiri batera, ezeren susmopekoa edo inoren mesprezu zein irainen mendekoa izango ez naizen herri batera, nire hemengo etsai amorratuengandik ahalik eta urrunen biziko naizen lurralde berri batera. Banoa Ameriketara, bizimodu berri baten bila, hutsetik hasteko asmotan, egiazko gizon libre izateko gogoz, hainbeste nazkatzen nauen mundu zahar bidegabe zein gupidagabeko honetatik asago, nire auzokoen gorroto eta beldurrei purrust eginez, nire ama bezalako jaun handiustekoei bizkarra emanez, izan nahi nuen gizonari muzin eginez. Banoa bai, harresiko Hegoalde edo Eguerdiko atetik Sevillarantz, non itsaso zabala zeharkatu ahal izateko nire odol garbiaren froga guztiak, aspaldi nire aitak behar bezala asmatu eta ordaindutako agiri zigiludunak, azkeneko aldiz erakutsi eta ordaindu ere behar izango dizkiedan gure Errege txit katoliko eta are egoskorragoren erresumako zerbitzari zikoitzei. Banoa ere oraindik egun argitan, ilundu aurretiko azken orduan bertan, kaleko jendetza gutxitzen hasi denean, azoka eguneko harrabotsa ia zeharo itzalita, azokariak euren dendak zein tamalez ez saldutako merkantziak biltzen hasi direnean. Badago atso bat ezagun begitantzen zaidala, ni ikusi orduko burua makurtzen duena. Auskako zer dela eta, baliteke Garzia Olarteko merkatari herragarri zein judu odolekoaren semea ezagutu izana, baliteke ere hiritik ospa egiten duen iheslari madarikatuaren patu beltzak inondik ere kutsatzea nahi ez izatea. Niri bost axola, ni banoa hemendik behin betiko, ez naiz inoiz itzuliko, inork ez nau geldiaraziko. —MARTIN!!! Nora zoaz orain? Neska batek hots egin dit. Ez dut ezagutzen. Baliteke hor nonbait, noizbait, nik maitemindua, oso gonazalea izan naiz- eta beti. Baina ez dut inolako gogorik inori azalpenik emateko, ez eta inor zor ez diodan agurrik emateko. —Ameriketara noa! —Noraaaaa? Zer hostia da hori, hiri inguruko putetxe baten izena ala? –galdetu egin dit gero eta ezagunagoa egiten zaidan neskatoak. —Ameriketara, alde egiten dut inork ezagutzen ez nauen mundu berri baterantz, libre izango naizen lurralde batera, zu bezalako urraiztar begigaiztoak jasan behar izango ez ditudan hiri bat sortzearren –saiatzen naiz aditzera ematen nola edo hala baina inolako gogorik gabe. —Zer arraio diozu? Ni ez naiz hemengoa, ni Sara naiz, zure Oviedoko neskalaguna edo, azokara sartu orduko abandonatu egin duzuna Algareria plazako sorgin haren pattarra gogotik edateko –neskatoak bere buru ezin samurragoa aurkeztu orduko nire onera itzuli nintzen ziplo. —Orduan ez nago inorekin zorretan?
Hau uda mina! Goizez etortzeko esan diot, baina Idoiak ezetz, bazkalondoan abiatu behar, ia ehun kilometro galdaratan, hurrengo autoak haize girotua behar du, gainera bidea ezagutzen ez badu ere honek gidari nahi, astean zehar ez duela gidatzen eta nik aldiz egunero 120 kilometroko joan-etorria, amore eman eta kopiloto izatera beharturik, entretenimendu faltak izerdia sorrarazten dit, lika-lika eginda amaitu dut, atorra eta larruazala bat eginik. Iritsi gara, larrainean aparkatzeko esan diot, behingoagatik kasu egin dit, larrainaren goiko bazterrean auto baten gibelean eultzilari bat, zura, oihala eta metala, makinaren plaka herdoiltzen hasian Ajuria S.A. Vitoria irakur daiteke. – Ni horietako batean ibilitakoa naun. Idoiak ez dio segundo bat baino gehiago eskaini tramankuluari, soa larrainaren ondoko eraikinean du. – Hori al duk upategia? Arrastaka darama maleta gurpilduna – Bai, hori dun Txarliren palazioa. Kutxa bat hartu dut autoaren atzealdetik, hau marka gurea, upategi batera kutxa bat ardo eramatea ere. Idoia larraina eta eraikinaren arteko porlanezko bidean dut zain, laborarien etxea izandakoak hainbat eraikin ditu, etxebizitza aitzinean, eta upategia, eraikinari izena ematen diona, gibelean. Herritik aparte gara, kilometro batera edo, ordokiaren ertzean, bertatik ibarbidea ikusten da, olibadiak, mahastiak eta urrutian uztondoren bat, hori eta berde oro. Aitortu behar dut, badu xarmatik Txarliren palazioak, gure hasmenta erritu ez gutxiren lekukoa, gaztaroan ez zuen harreman handirik arbasoen herriarekin, hamasei urteen bueltan, artean jesuitetan ari ginela udari akabera eman beharra, eta gu edozer asmatzeko prest etxetik alde egiteko, upategia libre eta abuztu hondarreko ostiral iluntze batean Estellesa hartu, motxilak zaku, hestebete, arrautza eta makarroiez malamaneran hornitu eta hona etorri ginen, lehenbiziko hartan txorrokopuntan zela iruditu zitzaidan, hura bai odisea, eta hamaika herritan sartu-irtenak Txarliren gurasoen sorterriraino iritsiko baginen, herriko plazen katalogoa egin genezakeen. Idoiak bidean aitzina segitu du, maletaren gurpilen asotsak salatzen gaitu, ez da mugimendurik sumatzen aurrealdean. – Lehenbizikoak al gaituk? Idoiari keinu batek ihes egin dio hori esatean, betaurreko beltzen babespean ezin asmatu ametozkoa izan ote den. Bidaia aldarte onean egin dugu, baina batek daki! – Ez zakinat, bero honekin barneko patioan edota sotoan egonen ditun. Atzetik jarraitu natzaio, ongi geratzen zaizkio galtza moreak, moreak eta moreak ez direnak ere, urte bete eskas daramagu elkarrekin, elkarrekin edo, norberak bere txokoari eutsi baitio, a ze bikotea gurea, ia hamar urteko aldea gure artean, biok herriko idazkari, tira, nirea da herria, herri gatazkatsua, aspaldiko herraz pozoitua, aldea zagok Idoiaren ibarrarekin, aberats berriak, Hiri Buruzagitik hurbil baino hiriburuzagituak ibarreko herriok, hamarkada batean garia eta garagarra porlana eta adreilu bilakatuak, pasta parrasta, nire herri zahar eta noblean ordea, auzalorren gatazka bideratzeke, 30eko hamarkada ezin gainditu, bai, zalantzarik ez dut, arrunt ongi geratzen zaizkio galtza moreak. – Hara, Idoia, ezta? Patioaren sarreran xirmenduak pilatzen ari da Txispi, etxeko maiztertzat har dezakeguna, eskuak tixertan garbitzeko imintzioa egin eta muxu ematera hurbildu zaio, masailak dira elkarri ukitu dioten gorputz zati bakarra. Idoiaren berri bazuen ere, Txispik orain ezagutu du. – Zer diagu, bildots saiheskiak? Kutxa sorbaldan bermatu eta eskua luzatu diot Txispiri. -Horixe bera! Segi barnera, hau infernua da. Mertxe eta Koldo sotoan dituzue, Txarli ez da oraino heldu. – Harritzekoa! Txispi, arrain ona, oro gihar, hirikoa ez den bakarra, unibertsitatea zapaldu gabea, gu baino zaharxeagoa eta gu orori mila buelta ematen dizkiguna, duela hamabost bat urte tarte bat eman zuen hirian, lanean edo, ez zen laketu, herrira itzuli eta besteak beste Txarliren upategiaz arduratzen hasi zen, uztarri berezia bi horiena, batzuendako Txarliren bizkar bizi da Txispi, baina ez dago garbi nor noren parasitoa den. Upategira etorri ginen lehendabiziko alditik ezagutzen dut, orduko hartan ez genekien zer zen sukalde bat gobernatzea, eskerrak Txispi bertan zela, bazekien janaria maneiatzen, errioxar erara prestatu patata haiek ez ditut erraz ahaztuko, gosea zer den, gogoratu nahi ez dudana lehendabiziko gauean hartu genuen aitzurra da, garai hartan bai, ordukoan egiazko upategia zen hura, ardoa edo ekoizten zuten, edalontzia belzten zuen mama lakarra, mastekatu zitekeen edabea, bestondoa eta ajea dena batera, bai, Txarliren palazioa gure hasmenta erritoen lekuko izan da. Patioan sartzeko zurezko txorilanga zeharkatu dugu, alboetan garai bateko trepetak, konportak, eskuarak, laia pare bat, apaingarriak, orain Idoia da nire gibeletik datorrena, ez da giro bertan egoteko, ekia altuegia da oraino, patioak zati bat du estalia, hor da harrizko mahaia, bertan diren txolarreak uxatu ditugu, alde irekian, ezkerrean pikondo bat, heldu gabeko pikuz betea, eraikinean sartu, ezkaratza pasa eta sotora daraman eskaileran geratu naiz. – Utzi hor maleta, geroxeago joanen gaitun logelara. Kasu sabaiari! Behin eskaileran, makurtu behar izan dut, gure gorputz atalek memoria omen dute, baina maiz kolpea hartu ondotik aktibatzen da, oroiminak kaxkarrekoaren tamainaz ohartarazten digu, inoiz ere ondorioez, zenbat kolpe hartu ditudan eskailera honetan, ardo kutxari gogoz heldu diot, ezin dut ardorik gabeko oturuntzarik irudikatu. – Hau freskura! Bazter batean utzi dut kutxa. – Ze gisa, iritsi zarete! Mertxek ohi bezain xalo hartu gaitu. Koldok eskuan duen garagardoa mugitu du, hori izan da bere diosala. – Bai, zuek asmatu duzue goiz etortzearekin. Idoiari begira bota dut hori. Adiskideen artean gazte garaietatik iraun duen bikote bakarra da Mertxe eta Koldorena, gainera umeak dituzte. Orain Mertxeren herrian egonen dira Mikel eta Uxue, amatxik zaintzen baititu, neska-mutikoak pozik herrian eta Mertxe eta Koldo paradisuan. Deseroso nago, lika-lika hau hozten hasi dela nabaritzen hasi naiz, ez naiz ba orain hoztuko. Arropaz aldatuko naiz. – Segituan nator! Zer gerta ere ezkerreko eskuaz babestu dut kaskoa. – Nik erakutsiko dinat logela. Mertxek bere burua eskaini du Idoia laguntzeko Bizkor igo ditut eskailerak. Neure gelara eramanen du, ezta? Lehendabiziko bisitatik neure gela izan dut etxe honetan, ibarbidera ematen dutenetako bat, argitsuena, Olgarekin hor izan nintzen estrainekoz izaren azpian, Olga, bi urte ikusi gabe, abuztuko juntadizora etorri zen, Txarlik ezer gehiago jakinen du, Bartzelonan ibili da, oraingo honetan Olinpiar Jokuak kari, hara joaten den aldiro bisitatzen du, auskalo, horrenbeste Caballé, Mercury, Jordan eta enparauekin menturaz ez dik betarik hartu, bai to!, ziur bisitatu duela, handik bueltan nirekin elkartzean derrigorrean esan behar zidak “Olgarekin egon nauk”, badirudi ez dela gure arteko lehia amaitu, deitu behar diot. Olgari, prefosta. Txispi desargetu da, patioan ere ez da ageri, sotora beharrean etxebizitza aldera jo dut, bai, Idoia nire logelan da, atea zabalik kausitu eta isil-misilean sartu naiz, bazter batean utzi dut nire maleta, Idoia armairuaren aurrean berea ari da husten, sumatu nau, esekigailu bat du ezker eskuan, eskuinarekin jantzi loreduna ari da zintzilikatzen, hurbildu natzaio, atorra kanpotik darama, ezkerreko eskua paratu diot aldakan, eskuinak galtzak igaro eta kuleroaren aurreko mendela bilatu du, hatz luzea kiribilak hasi da egiten kulero barnean, lepaldean musu bat eman diot, Idoiak ez du zirkinik atera, esekigailua astiro zintzilikatu du, poxi bat giratu eta leihoan paratu du soa, ibarbidea sutan dagoela dirudi, eguzkia errezeletatik iragazi eta aurpegia argi-ilunez margotu zaio, ez da luzea Idoiaren kulero barnean kiribilka dudan hatz bakarra, galtzak bere onetik aterata ditu eta niregana itzultzeko imintzioa egin duenean… – Hemen nagoooo! Ostia! Beti ezgaraiko, orain behar zuen agertu Mari Kalanbrek. Konturatu naizenerako lepotik zintzilik dut Mari Cruz, Idoiak egokiera probestu eta istanteko galtzak bere onera ekarri ditu. – Zeinen ongi, berriz elkarrekin, hau eguraldi ederra! Zenbat elkartuko gara? Ba al dator Javier? – Bilbora behar zuen. Hatz luzea sudurrera eraman dut Idoiari begira, honek ezin izan dio barreari eutsi. Mari Cruzek bereari jarraitu dio. – Gaurko ilargia zoragarria izanen da, ikusiko duzue, abuztuko ilargia bete-betean, opil zuria ageriko zaigu ibarbidean. Mari Cruzen ideia izan zen abuztuko juntadizoarena, hamabost bat urte izanen ditu ohiturak, Mari Kalenbreren hitzetan abuztuko ohikunea, data aldatu daiteke, nolabait esateko aukeran bi menu ditugu, San Lorentzoko pertseidak edota abuztuko ilbetea, azken urteotan ilargia nagusitu da, gurariak eskatzeko tenorea pasa zaigu nonbait. Ezin dut eraman, tira, bai, ikasi dut jasaten, baina tarteka nire onetik ateratzen nau, eta oraingoan osotoro atera ere. – Mertxe, Koldo, zuek, Txispi, Txarli, jada zazpi gara. Javier ez dator, ze faszio, zer izanen ote horrek Bilbon. Ehiztari-jaka erantzi du, hippy itxurakoa, auskalo zenbat esku behar izan diren arropa hori apaintzeko, josturak, pasaratzeak, tatxetak nonahi, baina ez nolanahi, esklusibitatearen paradigma nire logelako ohe gainean, Mari Kalanbreren ipurdiaren azpian. – Gaur Ningal eta Inanaren erritua saiatuko dugu, sumeriarra da. Gauerdian du punturik gorena, ez zaizue damutuko. Goazen sotora, egarri naiz-eta. – Zoazte zuek. Idoiari begirada konplizea bidali diot. -Dutxa bat hartu eta segituan naiz zuekin. – Bikain. Eskutik darama Idoia esaldia amaitu dudanerako. Sikiera likaz libratuko naiz. Mari Cruz, alaba bakarra,Txarliren urrutiko lehengusua, lorejalea, terapia alternatibo ororen jarraitzailea, 80ko hamarkadan mendialdeko komunitate batean ibilitakoa, sekta batek abduziturik ote zuen pentsatu genuen, talde hura kostaldera aldatu zenean, Indiara joatea otu zitzaion, baina, hondarrean, heredentzia ganoraz jaso nahi bazuen, ezin pausaleku honetatik aienatu, gurasoen zaintza du ardura, tira, gurasoez arduratzen diren neskatoak gobernatzen ditu, badaki antolatzen, gaurko erritua lekuko. On egin dit dutxak, Txarliren palazioan ia logela guztiek bainugela dute. Hori aitortu egin behar zaio, estiloa du, eta ez zaio dirurik falta, Mari Kalanbreren antzera, zakarra eta orbela bi horiena. Atorra beharrean, niki bat hobetsi dut, gorria, eta lihozko galtzak. Mari Cruzek jaka ahaztu du ohe gainean, neuk jantziko dut ea sotora iristean inork ezer esaten didan, tira, bero egiten du oraindik, ez naiz berriz izerditan hasiko. Kalaka bizian ari dira sotoan, zazpi gara oraingoan, baina Txarliren arrastorik ez, Esther batu zaigu, sosegua heldu da, beharko dugu. Abuztuko errituarena Mari Cruzen ardura da, Idoiarentzat lehendabiziko urtea denez, zer gerta ere ohartarazi nahi izan dut, duela bi urte inuiten ustezko usadioa ekarri zigun, afalondoan kristalezko ontzi bat zorrotik atera eta aurpegia gorriz margotzen hasi zen ilargiari begira, a ze higuin aurpegiak gorri hori azken hilekoaren lagina zela jakin genuenean. Gogoratze hutsak goragalea sorrarazten dit, Olgak bestelako aldartean segitu zuen erritua, ia perlesiaturik, uneren batean ikusle baino jokolari nahi zuela zirudien. – Non janen dugu? Txispi da mintzo dena. Txarli upategian ez denean berak gobernatzen gaitu. – Patioan! Errituak hala eskatzen du. Mari Cruzek ez du zalantzarako tarterik utzi. Kixkalduko gara. – Akort, ba hau da eraman behar dena. Entsaladeriak eta piper berdeak hozkailu txikian dituzue eta goiko arasan ogia, sardexkak eta beste. Lagundu idak! Ni izan naiz interpelatua. Nik lagunduko diot saiheskiak eramaten, ederki baitaki Koldok eskuan duen garagardo botila dela eramanen duen gauza bakarra. Patioaren alde irekian, bazter batean arranparrila bat dago, bildots saiheskien erretiluak ezkerreko apalean utzi ditugu. Arestian pilatu xirmenduak prest ditu, Txispik ez daki geldirik, sua piztu eta bi poltsa atera ditu zorrotik. Erromero duena erretiluen ondoan utzi du. Bestea zabaldu eta lanean hasi da, horretan ere abila da Txispi, txirria esku bakarraz biltzeko gai baita. – Nahi al duk? Maria usainak bete-betean harrapatu nau – Goizegi duk enetako, baina, tira. Atxiki luzea eman diot porruari. Ez naiz sekula sobera zalea izan, baina horrelako juntadizioetan ez diot muzinik egiten. Gainera Txispik oso material ona ibiltzen du, bertakoa, etxekoa. Patioaren alde estalian mahaia apailatzen ari dira, Koldo eseri da, enegarren garagardoa eskuan, sototik patiora eta hortik logelara, aurrezki kutxan ere ez du askozaz ere gehiago eginen Koldok, etxetik bulegoko mahaira, kafealdi pare bat eta buelta etxera. Eguzkia nabarmen jaitsi da. – Nahi al duk ezer edateko, garagardo bat? Txispiri proposatu diot. – Ez, heuk ekarritako ardoa dastatu nahi diat. – Akort. Azkar egin dut sotora joan-etorria, ordurako arranparrilan garrak gorenean dira. Txispi sutearen ingurutik aienatu eta etiketa gabeko botila eskuetatik erauzi dit, kortxo-kentzekoa prest du, zabaldu eta bi edalontzi hartu ditu apaletik, ardoz erdiraino bete eta horietako bat niri eskaini, sudurrera eraman du edalontzia, onespen keinu egin eta segituan dastatu du. – Non feriatu duk hau? Txispiren aurpegiak gozotasuna adierazten du. – Edurena duk. – Edu! Noiz edo noiz osteguneko azokan ikusi izan diat. Ona ardoa, ia belusa. – Entseguetan ari dira monobarietalekin. – Ba honekin asmatu ditek. – Ba al dakik zer den? Garnatxa duk. Edalontzi hustu berriak berriz erdiraino bete ditu Txispik. Biok harrizko mahaira hurbildu gara. – Nik ere probatu nahi dut beltz hori? Mari Cruzek edalontzia eskaini dio Txispiri, honek edalontzia bete eta gainerako guztiengana hurbildu da, Koldok bere edalontzia poxi bat mugitu du bete diezaion, ea tokatzen zaionerako botila hutsik dagoen. Mahaia ia atondurik dago, lehenbiziko itzalak ageri dira ibarbidean, haizerik ez da, baina orain jasangarria da tenperatura, xirmenduak xirtaka ari dira. Idoiaren urrina dut ondoan, gustura ari dela dirudi. Mari Cruzek hartu du solasaldiaren lema, tira, ez du askatu oraindik. Segituan, memoria ariketa bat eginen du, ziur, egiaren aitortzeko egiten ahaleginduko da, maiz besteen ahotik jasotako istorioak berritzen dizkigu bereak bailiran, ondoan, Estherrek, gozo-gozo, zuzenduko dio, hutsak baino esajerazioak. Honez gero formula bat asmatu dugu, ken %50 deitzen diogu, Mari Kalanbrek 10 ardo hartu zituela badio, ez ziren 5 baino gehiago izanen. Estherren oroimena ez da nolanahikoa, zuzentzearen zuzentzeaz berak asmatu zuen formula. – Hura sarekadaren urtean gertatu zen. Sarekadaren urtea, ordutik anitz denbora igaro da, baina badirudi glaziazioak igaro direla. Nork daki, menturaz sarekadarena da lotzen gaituen haririk sendoena. Izan ere, geure ibilbideek elkarrengandik urrundu ez bagaituzte ere, gaurkoa lekuko, ezin esan birika beretik arnasten dugunik. Ezta beharrik ere. Sarekada gertatu eta gure organizazioa hankaz gora jarri bat izan zen. Mari Cruz ordurako mendialdean zen, hausnarrean, nekez konta zezakeen lehen eskutik arratsalde hartan gertatukoa. Txarlik berehala utzi zituen bere ardurak organizazioan, urrutiratzea behar zuen, Madrilen bi urte igaro eta itzuli zenerako beste martxa bat zeraman, eta soziolistoekin txama egiten hasi zenean urrundu baino mailaz igo zen. Era batera edo bestera soziolistoekin anitz jendek egin du txama eta gutakoen artean ez gutxik. Mertxek berdin lor zezakeen atalburutza hori, jende gutxik zuen berak zuen formazioa zerbitzu berria martxan jarri zenean eta orain soziolistoak alde egitean, Goñiren alaba baino hoberik ez denez, postuari eutsi dio, entzun dudanez heldu berriek, hau da betidanik egiazki agindu dutenek zerbitzuburua izateko proposatu nahi dute. Bestelakoa da Koldo eta bion kasua, alferrontziak aurrezki kutxako lana heredentziaz jaso zuela esan daiteke, nirean aitaren itzalak zerikusia izan zuen idazkari postua eskuratzeko tenorean. Soziolistoak heldu zirenerako lanean ari ginen biok. Estherri aldiz ez diote sekulan ezer oparitu. Javierrekin batera bera izan zen militantzian gehien iraun zuena, tira, biek ala biek militatzen jarraitzen dute, Javier armairutik atera eta gero militantzia gozoan murgildu zen eta Estherrek lanbidea du militantzia. Bai, sarekada hura dugu hari. – Tatxan!!! Lorios naiz, ni gabe moldatzen ikasi duzue! Txarli heldu da, ordu honetan patioan izanen ginela ondorioztatu, autoa larrainean utzi eta atari nagusitik sartu da, besoak zabalik, esku batean ardotegi baten zorroa darama, bestean delicatessen batena, kameren atzean bada ere ikuskizunaren mundua du lanbide eta aginte makila hasmentatik hartzeko asmoa du. – Hona gutizia pare bat. Mertxe eta Esther eserita diren aldean utzi du delicatessenaren poltsa. Biratu eta niri eskaini zidak beste zorroa – Sartu ezak txanpaina hozkailuan. – Cava esan nahi duk, Bartzelonatik ekarria. Zirtolari izan nahian ni. – Ez, txanpaina duk, Bartzelonakoa akitu da, orain bestelako pausalekuen xerka abiaturen. – Aspertu al zara Bartzelonan? Mari Cruzek besotik heldu dio, balirudike argi bila hurbildu zaiola, protagonismo nahia, kontuz ibili beharko du, pega-pega segitzen badu zerren baten antzera kiskal daiteke-eta. – Hura amaitu da, etorkizuna telebista pribatuetan da. Herenegun heldu nintzen, banuen hirian zerbait lotu beharra. Aldaketa gertatua ere geu gara negoziazio aretoen gakoa dugunok, eskuinak gu gaitu bitartekari Madrilen. Zeinen gutxi kostatu zaion ia guztion arreta bereganatzea. Ni kenduta Idoia da soraio aritu den bakarra. – Goseturik heldu naiz. Has gaitezen. Mahaiburuan plantatu da etxeko jabea. Arrats apala da, aurki ekialdetik ageriko da ilargia, txolarre bat pikondoan laketu da, Txispik txingarretan pausatu du lehen parrillada, saiheskiak erromeroz maneiatzen hasi da. Haragi errearen usainak hartu du patioa. Mahaian Txirri-aska errezitatzen ari gara, erretolika akitu eta topa egin dugu. – Nongo ardoa da hau? Txarlik mama gozoa dastatu ondotik edalontzia poxi bat goratu du, ekiaren hondarreko izpiekin jostetan aritu da ardoa aztertzen. – Txispik ekarri du. Egokiera probestu behar dut, nire eskutik jasotakoa gutxiesteko abilidade aparta du morroiak. – Zinez gozoa, Ribera delakoan, belusetik hurbil baita, baina ukitu karbonikoak nahasten nau. – Tira, Ribera, Ribera, bai, ia ardo oro ibaiertz batean laketzen da. Txispi nire begirada konplizeaz ohartu da erretilua saiheski bete mahaiaren erdian utzi duenean. – Menturaz, barietatea asmatzeak lagunduko hau laribintotik ateratzen. Kopon! Ziria sakatu behar diot. – Merlot? – Ba, ez. Txarliren begiradari eutsi diot – Syrac akaso? Urduritzen hasia dela iruditu zait – Ez al da zuen agentzia “Rosado de Navarra” kanpaina daramana? Harrotzen hasi naiz, burtzia prest dut. – Baina hau beltza duzue? Orain bai, deseroso dabil etxeko nagusia. Ia galduta, pentsa, Koldoren konplizitatea bilatu du, honek ez du imintziorik egin. – Garnatxa, txo! Gainera ekoizlea ezagutzen duk, Eduren ardoa. Txispi izan da sufrikarioa geldiarazi duena. – Edu, ez al zen Frantzian? Hori esatean Esther zegoen aldera begiratu du. – Tira, Frantzia, Frantzia, Edu han zenean gu orain gauden baino hurbilago zegoen Hiri Buruzagitik. Gozo bezain tinko erantzun dio Estherrek. Koldo unerik aproposenean ausartu da saiheskiekin, horien barneratzeak giroa lasaitu du, Mari Cruzek egokiera probestu eta berriz ere abuztuko ohikunea hartu du hizpide, Idoiarekin saiatzen ari da, ez du ongi ezagutzen, bera bezain sinesgogorrak gutxi, ez dut uste Tarot kartak botatzera ausartuko denik. Bigarren erretilua ekarri ondotik Txarlik txanpaina ekartzeko agindu dio Txispiri. Aginte makila berreskuratzen hasi da. Ardoarenak min egin dio, gainera eusko-bizardun baten arnoa Ribera batekin erkatzea ez da bere kosmogonian sartzen. Gogoan dut “Rosado de Navarra” kanpaina hasi zenean, Estherrek txantxa moduan esan ziola ea euskaraz paratzeko asmorik ba ote zuten, tradiziozko ardo gorri naparra gogora ekarriz, Olgak aldiz oximoron bat proposatzen zuen, Nafarroako Gorria, ezina zure botilan. Olga, bai, deitu behar diot. Txanpaina akitu da eta trago luzeen tenorea heldu, konbinaturik ez, errituan ez omen da gas gehiegirik komeni, rona eta bi whiski mota harrizko mahaiaren gainean, patxarana ez da falta, gu beti gorriak. Txispik zorroa zabaldu du eta ingenieritzan hasi da, bi paper handi elkarri itsatsi eta txirri luze eta oparoa egin du, ohi baino tabako gutxiago gehitu dio. Egiaren aitortzeko alkohola eta maria izan dira urteetan upategiko drogak, giro honetan, toki honetan ezohikoa da sudurrak zuritzearena, eta ez da aditu faltagatik izanen. Harrigarriena zera da, koadrilaren muinean heroinaren erasoa jaso ez izana, denok galdu dugu ezagunen bat, zaldiak eraman zuen Estherren lehengusua dugu hurbilen izan dugun kasua. Txispik Txarliri eskaini dio porrutzarra, honek piztu eta ke-ahokada geldo eta sakona bota du, txirriak ez ditu Esther eta Koldoren ezpainak ezagutu, nigana heldu da, ke-ahokada sarriak bota dizkiot. Gaur ez da iluntasuna osotoro abailduko ibarbidean, argi zilarkara da hedatu olibadi eta mahastietan, opil zuriak hego-mendebaldeko ataka ixten du. – Prest al zaudete? Mari Cruzek tapiz bat paratu du patioaren erdian, eta emakumezkoak horren gainean esertzera gonbidatu, bertatik begiratuta ilargia patioko txorilangaren gainean kulunkatzen ari dela dirudi. Harritu nau Idoiak, biribilean eseri baita, nerabezaroa ekarri dit gogora, sarbide-erritua zen ia edonorentzat zu baino nagusiagoa zen gazte baten gonbidapena jasotzea. Hori izan al da Idoia parte hartzera eraman duen bulkada? Eskutik heldu diote elkarri, Mari Cruzen unerik gorena heldu da. – Hona ohikune sumeriarra, Ningalen alaba Inana arranguraturik iratzarri zen abuztuko egun hartan… Ahotsa modulatu eta hasi da itxurakeria, edertasuna hitzez itsusteko manerak. Mariaren eragina hasi naiz sumatzen, eserita nagoen tokitik Idoiaren aurpegia aurrez aurre dut eta nire moduan ari dela sumatu nahi izan diot, asteburuetan ohikoa dugu maria porru bat apailatzea, erre ondotik izaren azpian denbora geldotzen da eta inoiz edo beste plazera luzatu, Idoia eta bion erritua gogoratzeak Mari Kalanbreren sasimantratik isolatu nau. Akitu du behingoz, Txispi ingenieritzan aritu da otoizlaburrak iraun duen bitartean. – To, piztu ezak Inanaren txirria. Niri eskaini dit porrua. Gehienok barre egin dugu, Mari Cruzi ez dio grazia handirik egin. Harrigarria, minutu bat ixilik eman dugu, ezhoikotasunaz jabetu gara, eta denok, Mari Cruz barne, barrez lehertu gara. Idoiari so egin diot, ronari hurrupada txiki bat eman dio, goizegi da oheratzeko, baina ez da gogo faltagatik izanen. Txarlik izotz-koskor bat hartu eta whiski botiletako bat pasatzeko eskatu dit, baretu dela dirudi, baina gutxi fida, baietz ezer mamurtzen ari. – Trumilka ari dira sartzen. Txarlik ahots tonua aldatu du, seriotasuna dario. – Nor? Non? – Gobernuaren jauregia txinoz ari zaigu betetzen. Tonuari eutsi dio – Zertaz ari haiz? – Satorren gisara ari dira. – Satorrak gu gintuken, ezta? Txispik ukabila eraman du ahora barre-algarari eusteko. – Serio ari naiz. -Txispiri begira-. Atzo jauregira joan nintzen, agentziako kontuak tarteko eta nirea izandako bulegoan nor eta Peli. – Peli, hori ez zen gure promozioakoa. Mertxe ari da. – Hori, unibertsitatera ere ez zen joan. Bedela zen. Urrutikoan, UNEDen ikasi omen du eta hor duzue jauregian letradun. Burua ezkerrerantz mugitu du hori esatean. -Ez al da bitxia, eskuina itzuli behar maoistek gora egin dezaten. – Eta ze inporta zaik hiri, heu haiz Madrilen enbaxadore, ez al da hala? Azkenean mintzo naiz. Ez dakit zer joko darabilen. Hobe dut isilik, baina nola asetu jakinmina. Bai, gutako gehienok gutxienez neskato kofiaduna izan dugu sortetxean, txikitatik izan dugu eskiatzeko aukera, lana zer den unibertsitatea akitu ondotik ezagutu dugu, tira, baten batek ez du sekulan ikasiko, ezta nahi ere. Baina zer dela eta gauden honetan txino izandako batekiko espa hizpidera ekarri. Txarlik ez du erantzun. Mari Cruzen aharrausiak gero eta sakonagoak dira. – Bon, gu ohatzera goaz, bihar jaien bezpera dugu herrian. Mertxe ari da hizketan, altxatu eta mahaia jasotzeko imintzioa egin du, Estherrek eta Txispik keinu bera egin dute, gainekoa berean utz zezan, Koldo ordurako atarian da. Mari Cruzek egokiera probestu eta haiekin da aienatu. Solasaldiak iraganera eraman gaitu, baina arantzarik gabeko eremuetan ari gara. Azken porruak ageriko utzi du Idoiaren logalea. Atea seinalatu diot buruarekin eta irriño gisakoa marraztu du. Mahaian, Txarli, Esther eta Txispi utzi ditugu. Kamara geldoan egin dugu logelarako bidea. Idoiak ohean eserita sandaliak erantzi ditu, horiek baztertu eta luze etzan da, laguntza eske ari dela entelegatu nahi izan dut, nikia eranztean oreka galdu eta atzeraka erori naiz, zoluan dut ipurdia eta arropak burua estaltzen dit, barregarri nago, galtza estuak eranztean sortzen den asotsa aditu dut, nik oraindik jantziak ditut nireak, biluztu naizenerako Idoia izaren azpian da, bizkarra ematen dit, ez diot ezker besoa sumatzen, eskua txorian du, hurbildu natzaio, elkarren ondoan gara, bere ipur masailean habiatu da nire txolarrea, ez gara erritmo berean ari, hasperenka hasi da, sexu-atseginean ere norberak bere burua du hobekien ezagutzen. Aiduru da lo gozoa. . . . Sakon eta labur egin dut lo, argiantzari egunsentia dario, Idoiaren begitarte irrikorrari erreparatu diot, altxatu, espartinak jantzi eta patio aldera abiatu naiz, argitasuna gero eta nabariagoa da, mugaldeko haitzen urrekara dut aitzinean, ez naiz egunsentiaz gozatu nahi duen bakarra. – Egun on goiztiar hori! Esther ari zait harrizko mahaitik. – Egun on, bai. Atzo berandu arte? – Ez, ez gintuan sobera luzatu. Txispi zuek alde egin eta segituan joan zuan. – Eta Txarli? Goiz alde egitearekin ezer galdu ote nuen jakin nahi dut. – Solasteko gogoz edo. Te katiluari heldu dio eta hurrupada txikia eman dio. –Tira, arranguraturik. – Ez dun txinoen aferagatik izanen. Ba al din horrek kexatzeko arrazoirik? Ate oro ditin zabalik eta! – Ez duk hori, Pelirena aitzakia zuan, ez zakian zuek nola aienatu. Bartzelonakoa ez omen da gertatu berak nahi moduan. – Ba, atzokoan telebista pribatu batera jauzi emateko prest zela zirudien. – Eta emanen dik, berandu baino lehen. Ez, ez duk hori, Txarlik Olga dik afera. Deblauki mutu geratu naiz, ez dut jakin zer galdetu. Olgak bai Txarlirekin bai nirekin izan zuen harremana eta Txarlirekin egun ere badu, baina inoiz norbait ondoan behar izan duenean Esther izan du euskarri, konparazio baterako abortuarenean, ez Txarlik ez nik ez genuen Olga Londresera lagundu, oker ez banaiz Txarlik Hendaian egin zezakeela, egin ziezaioketela aipatu zion, ba omen zuen berak klinika baten berri, berak lagunduko ziola, Olga ez zen fido, Londres hobetsi zuen eta bidaia hartan Esther izan zuen ondoan, gutako batena behar zuen, baina emakumezkoen aferak zirela iritzita arduragabe jokatu genuen. Bai, kontu horietan igualak gara Txarli eta biok, ederki dakigu axolagabe jokatzen, menturaz, nik are zabarrago dakit. – Txarlik ez dik sekula Olga ahaztu. Hori esan eta beste hurrupada eman dio teari Estherrek. – Ezta nik ere. – Ezberdina duk, noiztik ez haiz Olgarekin egon, noiztik ez diok deitu? – E, ez zakinat. Ia totel ari naiz. – Txarliren nahikotasun hori itxurakeria duk, heuk ere ederki dakik hori. Olga ikusten duen aldiro erreminak kiskaltzen du. Azken urte hauetan, Txarli Bartzelonara joaten zen aldiro elkartu ohi dira. Azken honetan ihes egin ziok. – Nora joan dun ba Olga? – Olga, inora ere ez, esperoan zagok.
AURKIBIDEA JO, MADDI, JO! MOMOTXORROAK LANTZEKO PATXAMAMA MARKITOS ERRE DEZAGUN! ! ATORRAK HOU, PITXU, HOU! booktegi.eus JO, MADDI, JO! Maddi Zubietarra zen eta ttikitatik, urtero-urtero iyoteak iristean, halako zirrara batek zeharkatzen zuen bere soina joaldunen oroitze soilarekin. Kobrezko pulunpak astintzeak sortzen zuen durunda erritmiko hark, hegoak jartzen zizkion bere gogoari eta joareen jotzeari jarraitu nahian, bere irudimena Zubieta eta Ituren arteko zuhaixka, erreka, larre, bordetan goiti zamalkatzen zen. – Maddi –zioen bere amatxik–, beti izan zara berezia, bereziena etxe honetan. Zure anaiak “normalagoak” dira, espero genezakeena egiten dute, eta beraientzat zu arreba ttipia zara, beti ametsetan dabilena, beti ipuinak behar dituena, zenbait gauza arraro egiten dakiena, igarle aparta, batzuetan gehiegizkoa, zalantzak sortzen dituen horietarikoa. Umea zara beraientzat baina ulertezina era berean, heldu bati dagozkion hainbat elementuz jantzia zure txikitasunean, maitagarria beti ere. – Bai amatxi, baina ez al gara horrela ume guztiak? 9 – Zuk zeuk ikusi Maddi. Non daude orain zure lagunak? – Plazan, jostatzen. – Eta zuk ordea, nahiago duzu hemen egotea nire ipuinak entzuten, zure ama etorri eta haserre bizian kalera bidaltzen zaituen arte. Zergatik? Horrek ez zion gehiegi axola gure Maddiri; berak jakin, ezagutu, nahi zuen eta iturririk ederrena, oparoena, agortezina, bere amatxi Maittere zen. Beti istorio harrigarriren bat zeukan ezpainetan, inoiz ez zion kale egiten oroimenak. Gezurra zirudien baina berarekin Zubietak eta Iturenek, munduko zilborra ziruditen. Mendetan zehar historiak hango bazterrei eta biztanleei emandako gertakizunen zama eskerga bezain aberatsa zela medio, garai bateko armen altxatzea inbasorearen kontra Amalur gazteluan, kontrabandoa, harpeak, Bertizgo jauregia, Iturengo arotzarena, eta beste hainbeste elezahar eta ipuin berpizten ziren haren ahoan, gogoan. – Maddi, dena den ihes egiteko joera handia duzu. – Ihes, nora ihes? – Bai ume, zure buru horrek hegal handiegiak ditu eta behar zenuke hori mugatu, hegalak pausatu. – Nola mugatuko dut neure gogoa amatxi? Ezinezkoa da ... eta gainera gustura nabil horrela. – Bai, baina... Esaldia bukatzeko betarik ez zuen izan eta muxu bat utzi zion kopetan, karrikara jauzi eginez. Maddirentzat Iyoteak magikoak ziren, ez ziren besta arrunt bat: janzkerak, orgak, mozorroak... soilik mozkorrak balantzaka ikusteak Zubietako zubia zeharkatu ezinean, eroriez erori horretan, hausten zuen xarma berezi hura eta halako bat ikusi bezain laster ihesi zihoan, mozorrotutako aker basatia berarengana builaka eta erasoan hurbiltzen zitzaionean bezala. Hura izua! Egunik miresgarriena, astelehena zen dudarik gabe eta hasieratik amaieraraino biziki dastatzen saiatzen zen. Goizean goiz, koadrilarekin batera bi joaldunen atzetik ateratzen zen hauek puskak biltzeko egiten zuten herri birari bere buila gaineratuz, trikitixa soinuen artean. – Baina Maddi, ume moko halakoa! –erraten zioten anaiek–. Nola aterako haiz koadrilarekin bost urte besterik ez dittun eta! Sorgin halakoa, egon hadi isilik eta ez hadi jarri matrakosoa! Ama, esaiozu zerbait ipurterre honi, bestela leihotik behera eroriko da eta. – Aterako zara joaldunek puskak bildu eta hamaiketakoa burutzen dutenean. Zaude lasai! Gainera elurra ari du, ume! – Ba, hobeto! Zer egingo dut etxean ba? Bai aspergarriak zuek! Anaiak joaten ahal dira, ezta? Eta ni, zera, kaka! – Maddi zaude isilik eta ez jarri temosoa! Urteak jin urteak joan, Maddik bere teman setati, jo-ta-ke, etxeko guztiak bete-bete egin arte jarraitu zuen. Halako batean, gogaiturik, anaia gaztearen koadrilarekin joaten ahal zela erabaki zuten, baina bai zera! : hasi bai, baina amaitu beti berdin: joaldunaren ondoan, ia-ia itsatsita joareak berak baleramatza bezala, eta mugimendu bera eginez. Joaldunek aurrerantzean puska bilketa Maddi alboan zutela egitera ohitu behar izan zuten. – Joaldun ona izango hintzen... pena neska izatea! – Zer pena eta zer herrena! –Zioen bere kolkorako Maddik (Ni egun batean zuekin joango naiz, bai horixe! joareak jo, jo eta joaz. Ez nauzue hain erraz menderatuko! ). – Amatxi, zergatik ez ahal gara neskak joaldunak izan? Zergatik? Amatxi ahoa bete hortz geratu zitzaion begira eta arnasari buelta eman ondoren adi-adi so eginez erantzun zion: – Ez dakit ume, horren inguruan esamesa franko dago. Nire amak errandakoak, bertze lagunei aditutakoak, bertzerik ez dakit, gauza garbirik ez! – Tira ba, erran zergatik! – Hara, istorioak dio, aspaldi, hemendik ez urrun diren Zugarramurdiko eta beste harpeetan, euskaldunok besta hagitz handiak ospatzen genituela egun seinalatuetan, beti ere naturarekin bat egiteko asmoz, eta kobazuloetan barrena, suaren inguruan dantzan, zirkuluak egiten genituela musika lagun genuelarik. Han, gizon zein emakume, edonor egoten ahal zen, ez zen gizonezkoentzat bakarrik, bertzenaz gizajoak erabat aspertuko baitziren –apoa idiaren bizkarrean bezala– zeren dena ez baitzen dantza eta zurrupa... – Zer gehiago zegoen ba amatxi? – Beno ume, hamar urte besterik ez duzu eta delako hori beste kupel bateko sagardoa duzu, maitia. Besta horietaz gain, ba omen ziren herrian bertan plazan egiten zirenak ere: guda dantzak, uztarenak eta piztiak uxatu edota harrapatzekoak ere. – Piztiak, zein pizti? Hamaiketakoa burutu ondoren iristen zen Maddik gehien maitatzen –eta urtetik urtera gehien ikaratzen– zuen une magikoa: joaldunek, ostatuko arkupeetan jantzi ondoren, erritmoa entseatzen zutenarena, alegia. Han egoten zen begira, begiak platerak bezala, ahoa zabalik, eskegitako koadro baten antzera ia arnasarik hartu gabe, belarriak zut. – Hire arreba hori Mikel, urtero toki berean, eta urtetik urtera adiago zegok...zer dik ba? Zer ikusten dik hemen? – Ez zekiat mutil! Txikitatik beti izan duk berezia eta une hau bereziki ez dik inoiz galtzen. Beti galdezka zeukeat: Nola egiten duzu hots hori joareekin? Beti berdina da? Zergatik ez dira joareak handiagoak, edo txikiagoak? Zergatik ez dituzue neurri ezberdinetako joareak eramaten? Eta ezin isildu, aizak! Eta gogorrena badakik zer den? Ba, berak joalduna izan nahi duela. Joalduna neska bat! Gure etxekoa izan behar marisukalde hori! Halakorik! – Bai, Zubietan eta inguruan gero eta ezagunagoa duk hire arrebaren nahi hori, eta bazterrak nahasten ari dira, aspaldiko partez. – Haserre bizian eta nahastuta egoteko nahikoak gara gure etxean bertan!Ez diagu baba beltz gehiago behar lapikoan! Halako batean lotu zituzten gerriko ardi larruak, haien gainean estu-estu joareak eta ekin zioten gela erdian dagoen zutabe nagusiari bueltaka joareak probatzen, soinua poliki-poliki erritmo berean uztartuz. Jo, jo, jo, danba egiten zuten joaldunek, erritmo bera markatu nahian, urtero, mendetan zehar zubietar, iturendar zahar, gazteek, oroimenaren lainoetan galtzen den erritual berbera errepikatuz, senak hala aginduta inork ez zekielarik zehatz-mehatz zergatik. Baina egin beharra zegoen, indar misteriotsu, ezezagun, batzuk gurtu beharra zegoen, besoak dilingo mugituz, isipua, zartailua, balantzaka haizean astinduz, espiritu gaiztoen kalterako, gerria eta bizkarra makurtuz kolpeak eman eta joareei soinua atereaz: jo, jo, jo, soinu magikoa, otsoak, sorginak, soroetako eta etxeetako gaitzak uxatu eta uztak babestuko dituen soinu magikoa jira-biraka gela burrunbatsu hartan, etengabe, amaierarik gabe, gero eta ozenago gero eta temosoago, norbait, agian hartza, garai bateko hartza, bere lozorrotik esnatu nahian, udaberriari deitu eta neguari, garai bateko negu amaiezinari, bukaera emateko asmoz. Jo, jo, jo, jo- aldunek ez dute etsitzen, bilatu dute denen arteko erritmo bertsua, bateratua, errepikakorra, mozkorraldi psikologikoa sortzeko gai dena, txamanen trantzearen parekoa; behin barnean sartuz gero beste dimentsio batera eraman zaitzakeena, antzinako erritualen mundura, erritual honen sorrerara, sustraietara, arbasoen bihotzetara, natura gupidagabearegalera, amalurraren altzora. Gure Maddi joareek sortutako zurrunbilo erritmikoaren oihartzunean murgilduta zegoen. Ile guztiak eta gorputzeko biloa tente zituen eta emeki-emeki uzten zuen bere gogoa hegaldatzen joareen soinu dardarizoan zehar, magiaren, izenik gabeko magiaren, harpean barna sartzen. Hots haien eskutik, joareek sortzen zuten soinutik at, berak beste musika bat –beste ahots bat agian– entzuten, antzematen zuen psikofonia hartan. Antzinako kantak aditzen zituen, euskara arraro batean, euskara trakets batean. Emakumeen berriketak, istorioak kontatzen zituen ahots zahar bat noizean behin gailentzen zitzaien beste ahotsei, eta piztien marruak, eta batzuetan izuaren sentsazioak bizkarrezurra korritzen zion goiti-behiti, arnasestuka uzten zuelarik. Bazirudien Zubietako arbaso guztien arimek une hartan herria bisitatzen zutela eta besta ikusezina, paralelo bat, ospatzen zutela bizidunak hartaz jabetu gabe. Maddik pozaren pozez alde batetik, baina hagitz urduri bestetik, entzumena, ikusmena, zorrozten zituen eta jira-bira ero, etengabe hartan murgiltzen zen ohartzeke, nahi gabe, urrutiko esku batek heldu eta erakarriko balu bezala eta trantzean sartzen zen inor konturatu gabe. Joaldunak bere ardi-larruetan barna, joareak ongi uztarturik, oilo lumaz bukatutako ttuntturroak (kapelak, alegia), ongi ezarriz, antzeman ezina zen zeremonia txamanikoan murgiltzen ziren. – Maddi, Maddi, askotan saiatu naiz zurekin hitz egiten... –aditu zuen, edo horrela iruditu zitzaion 10 urteko Maddiri goiz hartan. Baina, berehala bere onera etorri eta izerdi patsetan zegoela konturatu zen. Dardarka, urtarrileko egun hotz hartan inori begiratu gabe etxepetik atera eta bere baserriko bidea hartu zuen burumakur, deus erran gabe. Etxean ez zegoen inor eta astia izan zuen izerdiak xukatu eta itobeharra baretzeko. Ez zuen konprenitzen nola, nork, zergatik, hitz egin zion leku hartan... edo agian amets bat besterik ez zen izan. Amets bat itzarrik? Ba al da halakorik? “Amatxirekin hitz egin behar dut”. Esan zuen bere kolkorako nerabe bihurtzeko zorian zegoen neskatoak. Baina ez zion ezer kontatu. Bestak joan eta etorri ziren, behin eta berriro. Hurrengo bizpahiru urtetan gure neska pittikak aldaketa, beldurra, urduritasuna, sumatzen zuen egun seinalatu hori iristean, eta denen harridurarako askoz modu diskretuago batean bizi izan zituen azken iyoteak, inorekin tematu gabe. Etxekoek, herrikoek, pentsatu zuten, kito! dagoeneko zentzatu da eta pasatu zaio joaldun izan nahi hori. Beste iskanbila bat gutxiago, asko baititugu bestela ere herri eta mendi bedeinkatu hauetan. Bake santua. Baina baziren etxe hartan, bi pertsona oraindik orain auzi hori bukatutzat eman ez zutenak: Amatxi eta Maddi bera. Amatxik bere biloba bereziaren pista jarraitzen zuen egun batean bai eta bestean ere, hark jakin baitzekien ume hura ezusteren bat emateko jaioa zela, eta Zubieta inguruak berandu baino lehen –ez zekien nola– aztoratuko zituela. Bestea Maddi bera zen, zeinak nahiz eta egun hartan entzundako ahotsak sortutako beldurra hezurretaraino sartu, iyoteak urrutiagotik modu berezi batean bizitzen, sentitzen, jarraitzen baitzituen. Horrekin batera nerabezaroa bularretan eta biloan agertzen, nabarmentzen hasi zitzaionean, gauean, ametsetan zegoenean mundu ezezagun horretan, gero eta maizago, gero eta garbiago, ahots bat entzuten zuen –Maddi askotan saiatu naiz zurekin hitz egiten– eta une hartantxe esnatzen zen. Mezuak gero eta ugariagoak ziren, gero eta zehatzagoak, gero eta lasaigarriagoak. Bazirudien bere ametsetan sartzen zen espiritu hori ez zela gaiztoa, nolabait esateko, berarekin komunikatzea zuela helburu eta bertzerik ez. Egunerokotasun horretan iritsi zen une bat non negar batean amari hurbildu zitzaion eskuak odoletan, aurpegia zurbil eta malkoak begietan. Amak eta amatxik, kontatu zioten egunen batean izango zuela zerbait berezia, bere gorputzak isuriko zuela odola, haurtzaroa utziko zuela une horretan, munduari beste begi batzuekin begiratuko ziola aurrerantzean, emakume bihurtuko zela eta emari hori hilabetero etorriko zitzaiola baina ez zela ezer kaltegarria, ez gaixotasun arraro baten seinale, emakumeek bere naturan mundua, bizitza, sortzeko ahalmen paregabe, magiko, ulertezinaren marka, patua, zela eta une horretatik helduen munduan sartuko zela. Maddik bazekien hori guztiori; azken boladan maizago errepikatzen zizkioten argudio horiek, baina berak ez zeukan heldua izateko presarik ez eta mundua edo bizitza sortzeko premiarik; nahiko zuen bere amets ulertezin horiei interpretazio logiko bat bilatzearekin eta ezuste horretan aurkitu zuen bere burua goiz batean, bere izterrak kolore gorriz margotuak aurkitu zituenean. Iragan ziren odolaren izuak, ametsek jarraitu zuten bere bidea eta Maddiren barnean ez ziren ez mundua ezta bizitza ere piztu. Beste zerbait izan zen azaleratu zena. Eta, azken hiru urtetan lozorroan utzi zuen joaldun izateko grina hura, indarberritu egin zen. Beste diskrezio batekin, inor aztoratu gabe baina garai bateko intentsitate berriarekin hasi zen dastatzen ospatzeko hilabete eskas falta zitzaion iyoteak, iyote maite, zirraragarriak. Maizago hurbiltzen zen joaldunak izango zirenengana, kalean, haien artean pozaren pozez egunero hizpide zuten festa: larruak non dituk, eta isipua, eta joareak? – Aurten gizendu haiz Martin, ez zaik gerrikoa sartuko. Gogotik estutu beharko diate gerri puska hori. Badakik zer egin behar duken falta den hilabete honetan, ardo eta puska gutxiago jan eta lan gehiago egin, alproja halakoa!–. Halakoak ziren eguneroko ika-mikak eta berriketak Zubietan, Ituren eta mendi berdez inguratutako herri haietan. Giroa egunetik egunera pizten eta puzten zihoan eta besta usaintzen zen nahiz eta egun dexente falta izan. Maddik ere ezin zion ihes egin jai giro horri eta magia horretan utzi zion kulunkatzen bere gogoari, berriro ere. Halere, aurten zerbait berria sumatzen zuen, deia, bai dei berezi bat, gonbidatzen zuena bereziki joaldunen prestaketan parte hartzera. Eta egun seinalatua iritsi zen. Joaldun koadrila bat hasi zen herria zeharkatzen aterik ate burrunbaka, puskak biltzen, eta arrautzak, eta arnoa eta baserrietako hainbat irribarre eta animuak ere bai. Herriak eta bertako herritarrak piztu egiten ziren hasi ume mokoenetik eta aitatxi xaharraren begi-zulo zimurtuetaraino. Bestak edonori irekitzen zion bere magia, bere alaitasuna; eta berriketek, irriek, agerian uzten zituzten hordiaren hortz ustelak eta amonen ezpain zimurtuak, mintzo nahian. Gazte joaldunek inkontzienteki, birari, biltzeari, uzta mota bati, gogo alaitsuen uztari, ekiten zioten hotzez eta arnoz gorritutako masail ederrak agerian. Zaharrek gazte haiengan beraiek bizitutako gaztaroa erreparatu, gogoratzen zuten, une iheskor batez, urtean behin eta malko batzuek ere korritzen zituzten haien aurpegietako ximurrak. Maddik pauso lasai eta kontrolatuaz, iyotea, parodia guztia, urrutitik behatzen zuen, bihotza golkoan, azken hiru urtetan metatutako errekaren urak gainezka, oldartzekotan zituelarik. Egin zen errituala, hamaiketakoa, bapo jarri ziren arrautza, gasna, eta pusketaz eta sabela berdindu ondoren, arnoaren pil-pilaren poderioz, giro alaitsuan hasi ziren murgiltzen joaldunak. Maddi, oharkabean, erdi trantzean zegoeneko, modu diskretuan, ia hautsik harrotu gabe eta ingurukoen zalaparta eta begiradei erreparatu gabe, ostatuko arkupeetan, bere txikitako txokoan pausatu zen usapala bere adarrean bezala, hautsa batere harrotu gabe. – Aizak Manu! Berriro etorri duk aspaldiko partez hire arreba hori, eta nexka puska egina dagoela onartu beharra zagok! Urte batzuk barru hemendik Iturenera baino kurba gehiago izango ditik, eh? – Hi erne ibil hadi, aittu?Neska hori nire arreba duk eta errespetua zor diok, alu halakoa!Pausa itzak hire begiak etxeko komuneko zuloan nahi baduk! – Beno, txo! Ez duk hainbesterako! Lasai hadi! – Eman ezak bakea, babo halakoa! Maddik denbora aurrera joan ahala, ahotsak, zurru-murruak sumatzen zituen eta ez bertan zeuden bizidunenak, hain xuxen. Bere begietarako bakarrik, beste edonorentzat ikusezinak ziren aurpegien desfile bat hasi zen eta espiritu horiek bera errespetuz agurtu ondoren, joaldun baten gainean, nolabait errateko, pausatu ziren. Azkenean amona zahar baten irudia islatzen zuen espiritu bat hurbildu zitzaion. – Maddi, lehen aldia da ikusten nauzula baina lehendik mintzatu gara ametsetan, ezaguna nauzu. Zurekin aspalditik egon nahi nuen baina gizakiaren aroak errespetatu beharra dago eta jadanik unea heldu da, odola isuri duzu, emakume gaztea zara eta sufritzen duenak jakingo omen du maitatzen eta ulertzen ere.Iritsi zaizu nire mezua ulertzeko tenorea. Zure amatxiren ama nauzu laztana! Maddirengan urduritasunak eta izuak eztanda egin zuten, baina etorri bezala azkar joan ziren konfiantza eta lasaitasunari lekua utziz. – Baina nortzuk zarete, nor zara zu? Zergatik jartzen zarete joaldunen gainean, zergatik besteek ezin zaituztete ikusi eta nik bai? – Maddi, zu dohain bereziekin jaio zinen nahiz eta zerorrek jakin ez. Baina bada garaia dohain horiek ager daitezen eta ez inoren kalterako, mesederako baizik. Halere, kontu izan! Betiko mintzo gaiztoek oraindik orain sorgina deituko dizute, baina gaur egun ez da garai batean bezain arriskutsua, bezain penagarria. – Baina zer dohain dira horiek, zertarako erabil ditzaket? – Besteen gogoa irakurtzeko gaitasuna izango duzu, haien arimek ez dute sekreturik izango zuretzat eta hori jendeak ez du gustuko eta agian zuk ere ez, baina horrela da. Naturak ez du sekreturik izango zuretzat. Sendatzeko gai izango zara eta baita gaixotzeko ere. Hemen ikusten dituzun beste espiritu hauek Zubietako arbasoak dira eta hilda egonik ere ez dute galdu nahi iyote paregabe hau. Zaude lasai, ez gara gaiztoak. Eta azken gauza, Maddi, ni ez natzaizu gehiago agertuko modu honetan, zuk beharra daukazunean deitu ahal izango didazu, bestela bakean utziko zaitut, ahalmen hauek zuri pasatzeko etorri naiz, niri beste arbasoek pasatu zizkidaten bezala: “Haria ez dadila eten”. Eta hau esan ondoren, espiritu guztiek irrintzi ozen bat jaurtikiaz desagertu egin ziren amen batean. Maddi une horretantxe esnatu zen trantzetik eta konturatu zen ostatupeko guztiak, joaldunak zirenak eta ez zirenak, adi, so zituela, txintik erran gabe, ahoa bete hortz. – Baina zer gertatzen zaizue? Zergatik begiratzen didazue horrela? Zer gertatzen da Manu? Manuk begiak zabal-zabalik zituen eta ez zuen erantzuten. – Manu zer duzu? Erran! Manu itzartu egin zen, bat-batean. – Irrintzi egin duzu, irrintzi lazgarri, ozena, tximista baino indartsuagoa eta lurrari iltzatuta utzi gaituzu. Zer duzu Maddi? Ongi al zaude? Maddik ez zuen erantzun eta burumakur, halako esperientzia harrigarriek uzten duten zamapean, ostatupetik poliki-poliki atera zen ulertu nahian, sinetsi nahian, ttuntturroek eta jendeak bidea errespetuz, beldurrez, jakin-minez, irekitzen ziotelarik. Halako batean joareen soinu izoztua berriro berpizten hasi zen eta joaldunek sototik atera ondoren, Maddiren atzetik aurrera egin zuten.Orduan Maddi bueltatu eta bere harridurarako, atzean zituen joaldun guztiak pulunpak astinduz, berari begira, bere zain antza. Bi lerroak aldendu eta joaldun zaharrena zetorkion soineko eta tresnekin eskuetan.Maddik ez zuen deus ulertzen, baina dena sekretupean idatzita balego legez, eta erritual bati mekanikoki erantzunez, joaldunez jantzi zuen: mahonezko galtzak, azpigona zuria, ardi larrua, ttuntturroa, zapi gorria eta isipua eskuan hartuz joaldun taldearen atzealdean kokatu eta Zubietako karrikak korritu zituen atzera eta aurrera behin eta berriz, harik eta herritik atera eta Itturengoen bila errekastoraino abiatu ziren arte. Harrezkero, Zubietako zaharrek, adituek, diote inoiz ez dutela hain soinu bateratua, ozena, misteriotsua, erditu sekulan joaldunek. MOMOTXORROAK Gaur egun Altsasua altxatzen den ingurune horretan, bada haran luze bat, korridore antzekoa, Andia-Urbasa-Entzia mendilerroak hegoaldetik eta Aralar-Aizkorrik iparraldetik mugatzen dutena eta istorio honen kokalekua izango duguna. Erromatarren etorrera baino lehen populazio txikietan banatuta zegoen baskoi leinua, artzaintza bizimolde hedatuena zelarik inguru horietan. Bertako mendiek, Urbasa kasu, sostengua eskaintzen zieten bai ehiza zein eraikuntzarako. Ingurune horiek, jakina, basapiztiaz josita zeuden, oraindik gizakiak ez baitzuen naturaren handitasuna menderatzeko ahalmenik, eta hark markatutako erritmo eta aroek agintzen zuten egun batean bai eta baita bestean ere. Urbasako basoak harresi gaindiezin bat osatzen zuen herrixka txiki haien gainean, bere handitasuna erakutsiz goizero eguzkia edo lainoa, berdin zion, baskoien begietan islatzen zenean. Halere, natura ezagutu eta errespetatzeaz gain, beti zegoen gizaki haiengan harekiko lehia eta poliki-poliki urtero, sutarako, edo etxeak egiteko, edo armetarako, edo etxe-abereentzat larre berriak izateko, naturak pittin bat besterik ez bazen ere, amore eman beharra zeukan. Hori bai, basoko jeinuak, espirituak, gaiztoak zein onak gurtu ondoren, gehiegi haserre ez zitezen. Baskoiek, beste euskal leinuek bezala, jarraitzen zuten jeinuek osatzen zuten kosmogonia gurtzen, eta Marirekin batera Ortzi zuten zeruko nagusia eta ohikoa zen Basajaunaren zantzuak antzematea eroritako harkaitz zein zuhaitz lerdenetan. Erromatarrak hegoaldetik sartzen hasiak ziren euskal lurretan baina Altsasu inguru horretara iritsi baino lehen, gauza harrigarriak gertatzen hasiak ziren Urbasan barna. Jatsu gaztea duela bi ilargi arte bere aita zenak utzitako artalde bat zaintzen ari zen Urbasako maldetan, bere herrixkatik gertu. Zaldia eta artzanora txakur galantarekin abiatzen zen udazkenaren hasieran mendi magaleko larre goxoenak, freskoenak, bilatzera. Eguna amaitzean inguru hartan zegoen harrespila baten barnean gordetzen zituen ardiak eta bere bi abereen laguntza soilarekin igarotzen zuen gaua sutondoan, loak hartzen zuen arte. Izu izeneko artzanora galanta zen armarik baliotsuena, zelatan egoteko, piztien segadak antzemateko eta era berean otsoen erasoei aurre egiteko. Horri guztiorri gehitu behar diogu arkulari aparta zela gure Jatsu. – Izu lagun galanta –esan zion bere ondoan etzanda zegoen txakur puskari– jakingo bahu zenbat botatzen dudan faltan aita zenaren laguntza eta beharra! Badituk bi ilargi bueltatu ez dela eta oraindik, egun batean, etxeko atarian edo larre batean ikusiko dudalakoan nagok! Zer gertatuko zitzaion basora ehiza bila joan zen egun madarikatu hartan? Bere zaldia bakarrik itzuli huen adurra zeriola, begiak bere onetik aterata. Orduan Izu altxatu eta letaginak erakutsiz, zaunka hasi zen basoaren mugetan zegoen zerbaiti. Begi iheskor batzuen distirak zeharkatu zuen basoaren muga, iluntasunean desagertzeko. – Ongi Izu, hi haiz hi txakur puska! Aitak izan bahindu, hemen legoke seguruenez. Tira! Enbor bat botako diat sutara lasai lo egiteko. Lotara, txakurra! Hurrengo goizean, artaldea harrizko esparrutik atera ondoren, eztarria arnoz bustitzen ari zenean herrixkatik gora zaldun bat ikusi zuen hurbiltzen. – Etxeko zaldi pinttana duk!Eta Xankar anaia txikia zetorrek gainean. Zer ote, ordu hauetan? Bere zaldi gainera igo eta Izu artaldearekin utzi ondoren maldan behera abiatu zen. – Zer dugu Xankar? Nolatan hemendik? – Jatsu, herrira etorri behar duzu –zioen arnasestuka–. Amak bidali nau, zatoz! Agudo! – Baina zer duzu, txiki? Zer gertatu da? – Aimartarren etxeko nagusiaren zaldia agertu da herrian atzeko hankak odoletan, sekulako atzaparkadekin. Ikusi egin behar duzu. Mutikoa ez zen lasaitzen. Bazirudien berak zaldi hura begien aurrean izan zuela eta ikusitakoak dardarizoa sortzen zion oraindik. – Tira Xankar, lasaitu. Zoaz artaldea dagoen belardira, jaso eta ekarzu etxera, baina lasai, urduritu gabe. Ez ditut ardiak korrika ikusi nahi, aditu? – Bai Jatsu, bai, zoaz lasai. Bere anaiari azken begirada boteaz, Jatsuk ekin zion etxeko bideari egonezaren harra gorputzean sartuta. – Ume hauentzat edozein gauza da ikaragarria edo zoragarria. Ipurterre halakoak! Herrira iritsi ahala konturatu zen ezohiko iskanbila zela nagusi. Jende aunitz zegoen kalean, denak builaka, zirkulu bat osatuz. Zirkuluaren erdian zaldi bat hilzorian zegoen, izterrak eta sabela lehertuta, porroskatuta, odoletan. Zalditik jaitsi eta jendea aldenduz, bere ezpata motza zorrotik atera eta lepoa moztu zion amen batean abere odoltsuari. – Jatsu, harro hori, zer uste duzu?Zer dela eta tontakeria hau? – Tontakeria diozu? Eta zuek zer ari zineten, galdeketa egiten zaldiari edo eta bere tripetan iragana, gertatutakoa, asmatzen? Tira, abereak ez zuen merezi sufrikario horretan jarraitzea, Zoko, eta zuk egin behar zenion hori hasieratik! – Zu beti bezain argi eta harroputz, inori ezer galdetu gabe erabakiak hartzen. Leinuaren nagusia zarelakoan, ergel hori? Zoko zaldi odolustuaren gainetik pasa eta esku bat ezpata buruan estu atxikirik, Jatsurengana hurbiltzen hasi zen bafaka. Bat-batean, jendartetik makiladun gizon bizartxuri zahar bat bien artean paratu zen: Ostots zen, herriko aztia. – Aski da! Egun batean bai eta bestean ere, beti zaudete norgehiagoka antzuan, bata bestea gailendu nahian, baina zuen nagusigoaz gain hemen herri bat dago, herri bat babestu eta defendatu beharra, eta horretarako indarraz gain beste zerbait, oraindik erakusten ez duzuen jakinduria, behar duzue erakutsi. Badira bi gizon, bi guraso, zuenak hain zuzen, desagertu direnak. Zure aita aurrena, Jatsu; eta orain, Zokorena. Ez zaizue harrigarria iruditzen bi buruzagien inguruan gertatutakoa? Ez da kasualitatea, hemen istripua edo patua baino zerbait gehiago dago dantzan... Herritar guztiak isilik zeuden, ez zen ezer aditzen, une batez etena egin zen, denen begiak Ostotsen ezpainetara so zeuden, azalpen baten zain. – Gaur gauean leinuko buruzagien bilera izango dugu kobazuloan! ! Hau esan ondoren bakoitza bere txabolara aldendu zen. Gizonik indartsuenek lurrean zulo bat egin eta egurrez eta iratzez bete ondoren zaldi hila bertara irauli eta sua eman zioten. – Espiritu gaizto batek urratutako haragia ez da ezta txakur gosetiaren jakia bilakatu behar! –erran zuen Ostots aztiak. Erreketaren ondoren makila zorrotzez inguratu zituzten errautsak, zirkulu hertsi horretatik gera zitekeen espiritu gaiztoaren azken hatsak ortzirantz ihes egin ahal zezan, herria kutsatu gabe. Ilunabarrean hamar buruzagiak eta Ostots aztia, Urbasako lehen harkaitzetan zegoen kobazuloaren ahoan bildu ziren. Sua piztu eta ezpataz zein makila zorrotzez osaturiko zirkulu baten barruan ekin zioten hitzorduari. – Sakanako beste leinuetatik gero eta zabalduago den berria iritsi da guregana: Leinu arrotz, indartsu bat gero eta gudaldi gehiago burutzen ari da euskal jendearen aurka. Oso indartsuak dira, ongi armatuak eta nonahi eraikitzen dituzte harrizko bideak eta gotorlekuak. Ez dute ez ume, ez emakume ezta adineko jenderik ekartzen, gerlariak bakarrik. Ez dakigu zer nahi duten, zenbat denbora geldituko diren, baina uste baino lehenago gure anai-arreben laguntzera joan beharko dugu. – Hori guztia arrunt interesgarria eta kezkagarria da Ostots, baina zer ikusirik dauka bi buruzagien desagerpenarekin? –galdetu zuen Jatsuk–. – Ni aztia naizenetik ez dut halakorik ikusi eta gure espirituekin, modu batean edo bestean harremanetan nago. Gurtu ditugu Mari, Sugaar, Basajaun, eta beste hainbeste jainko-jainkosa gure abereak, etxaldea, bizitza, Urbasako harkaitzetatik zain ditzaten eta horretarako eskaini ohi diegu leku sakratu honetan abereen odola, fruituak, ogia, arnoa, beren egarri etengabea ase dezaten, baina azken bi ilargietatik hona, nire ametsetan irudi, espiritu berri bat agertzen ari da. Ezin dut ikusi, ez dakit nolakoa den baina beste guztiek muzin egiten diote, ez dute ezer jakin nahi berarekin eta izerdi patsetan esnatzen naiz behin eta berriro, gero eta maizago, eta gero eta ahulago sentitzen naiz. Hurrengoa ni izango naiz! Eta bere agerpena gerlari arrotz horien etorrerarekin lotuta dagoela esango nuke. – Zu hurrengoa, Ostots? Baina nola, ezin zaitu harrapatu! Ez zara inoiz herritik ateratzen, barren! – Ez da inora joan behar Mamotxorroekin topo egiteko. – Mamotxorroa? Zer da hori? –galdetu zuten denek–. – Ez dakit, hori da zuek, Jatsu eta Zoko, jakin behar duzuena. Garbi dago espiritu gaizto hori orain arte, euskal jendea erasotzen ari diren gerlari arrotz horiek etorri arte, lozorroan egon dela Urbasako basoetan eta orain zerbaitek edo norbaitek esnatu egin duela gure herriaren galzorirako. Eta azken gauza bat esan nahi dizuet bioi: segur aski mendeku gose igoko zarete basora, baina garbi izan Mamotxorro aurkitu baino lehen, hura esnatu duen zioa aurkitu eta desagerrarazi behar duzuela, bestela espiritu horren aurka ez duzue zereginik, indartsuegia da zuentzat, edonorentzat, nire magiak ere ezin du ezer egin bere amorru ase ezinaren aurka. Horrela jokatzen ez baduzue, zuek biok eta gero gure herri hau desagertu egingo da, akabatuko gaitu, banan-banan. Gordinegia zen Ostotsek eskaini zien ikuskizuna. Hala ere, beraien aiten desagerpenak egonezina, jakin-mina, ezintasuna, amorrua, mendekua, eskatzen zien eta gainera ezin zuten elkar ikusi; baina, horren guztiaren gainetik, herriaren, leinuaren, babesa zegoen. Zokok eta Jatsuk, bidaia prestatzeari ekin zioten. Ez zuten zama handirik eramango; ehiztari trebeak ziren biak, basoak emango zien behar adina. Gainera, bidaiak ezinbestean motza izan behar zuen, lehenbailehen argitu beharra zegoen misterioa: gerlarien inbasioa, espiritu ankerrarena, eta etxera itzuli segidan. Euskal leinuen armak eraman zituzten: larruzko brokel txikia, ezpata motza, eta haginaren zur indartsu eta malguaz egindako arkua. Horrekin batera Jatsuk bere artzanora Izu eta Zokok belatz dotore bat, ehizarako azkarra eta aproposa zeramaten. Herritarrak agurtu ondoren, Urbasako baso hertsian irekitzen zen bidezidor bakarraren ahoan sartu eta desagertu ziren. Urbasa ezezaguna zen herriarentzat. Antzinatik irekita mantentzen zen bide misteriotsu hura zen pago erraldoiez osatutako egurrezko harresi ikaragarri hartan urradura bakarra. Otsaportilo deituriko argiunera iritsi ziren, pagoen hostoek haizearekin jostatzean erditzen zuten uluaren laguntzaz. Lehen gaua han eman zuten, sutzar baten inguruan txandaka lo eginez. Urduritasunak eta bidaiaren helburuak ahantzarazi zien haien arteko lehia eta halabeharrez hobeto konpontzen hasi ziren. Ehiza egin zuten bakoitzean, odolez inguratutako puska, harlauza baten gainean jarri eta basoko espirituei eskaintzen zioten, beraien beharrak asetu eta onespena lortzearren. Bigarren egunean maldan gora abiatu ziren, beti ere talaia edo muino baten bila, ea horrela zerbait garbiagorik atzeman zitekeen. Azkenean, eguerdi partean mendizerraren mugara iritsi eta ikuskizun paregabea ireki zen begi bistan: amildegia eta han behean, sakana, herrixka bat, etxe-abereak, erreka, eta bestetik Urbasako baso amaiezinak eta ekialderantz... zurrumurru, arrabots baten zantzua eta kea. Basoa erretzen ote? Harantz abiatu ziren besterik ezean, baina aurrena Zokok mendizerrak eskainitako talaia profitatu zuen, belatzari ehizarako aukera paregabea emanez eta txori aldra bat antzeman ondoren, ortzirantz jaurti zuen harraparia. – Tira txikia, harrapa ezan zerbait Zokorentzat! ! Berehala etorri zen uso bat atzaparretan, baina hura espirituei eskaini beharra zegoen, eta bigarren hegaldian gauzatutakoa istant batean jan zuten bi bidaiariek. Gauerako iritsiak ziren zarataren sorlekurantz eta zaldiak lotu, belatzari kapusaia jarri eta txakurrari uhalez muturra lotu ondoren, arrastaka, muino batera iritsi ziren. Ezin zuten sinetsi ikusten ari zirena: suzko biribil handi baten inguruan, kasko eta jantzi distiratsuzko gerlari batzuk, zaldietatik lurra zulatzen, harriak lantzen eta garraiatzen ari ziren anaia baskoiak zaintzen zituzten. Ematen zieten tratu bortitzagatik garbi zegoen lanean ari zirenak derrigortuta zeudela han. Hizkuntza arrotz batean mintzo ziren gerlari distiratsuak. Harrizko bide bat eraikitzen ari ziren Lizarraga aldetik eta norabidea markatzen zutenek seinalatzen zuten norabideagatik, beraien asmoa antzeman zitekeen: Urbasa alderik alde, harrizko urradura batez zeharkatzea, hain juxtu beraien herriaren norabidean. Harrizko bidearen inguruan kanpaleku txiki bat zeukaten: alde batetik distiratsuen dendak eta bestetik egurrezko adar sendoez osatutako kartzela zirkular bat gerlari batzuen zaindaritzapean, baskoiez beteta zegoena. Zerbait egin beharra zegoen eta azkar! Hura izan zitekeen Urbasako espiritu gaiztoa esnatu izanaren arrazoia... baina zergatik ez zien arrotzei erasotzen? Gaua iritsi zen eta Jatsu eta Zoko beraien zaldiengana hurbildu eta bakoitzak albo batean lotuta zeraman ohola askatu eta iratzez eta belarrez estalitako bi harriren gainean paratu zituzten. Zoko berriro kanpalekua zelatatzera hurbildu zen eta Jatsuk txalaparta jotzeari ekin zion. Soinu magiko, misteriotsu, hura airean zabaltzen hasi zen. Aurrena Urbasako espirituak agurtzen zituen barkamena eskatuz beraien lurretan sartzeagatik eta gero, bigarren mezua bere herriko aztiari, Ostotseri, bidaltzen zion erantzun bila. – Zer egin Ostots? Arrotzak sartu dira Urbasan. Euskaldunak preso dauzkate eta Amalurra urratzen ari dira. Haizeak eskaintzen zion mezua entzun eta Ostotsek berehala arrapostu egin zuen: – Aurrena abisatu euskaldun presoei. Gero arrotzen buruzagia harrapatu eta Mamotxorrori eskaini. Azkar! Zokok harkaitz gibeletik kanpalekuko harat-honatak behatzen zituen. Gerlariak mugitzen hasiak ziren, zerbait arraroa, ezezaguna, arriskutsua sumatzen baitzuten soinu hartan, baina inor ez zen suaren argitasunaren mugak zeharkatzera ausartzen. Baskoi presoen artean, ordea egoera bestelakoa zen. Lotan ziruditen batzuk altxatu eta adi-adi zeuden une hartan Jatsuk bidaltzen zien mezua entzuten: Txalapartak erran zuen: – Erne baskoiak, lagunak gara. Zuek askatzen saiatuko gara.Lortzen badugu gailurrean elkartuko gara. Txalaparta isildu egin zen ... Erromatar gerlariek ulertezina zitzaien egonezina nabaritzen zuten. Urduritasuna nagusitzen ari zen kanpalekuan. Hegazti bat pasa zen pare bat bider baskoien buru gainetik eta zerbait askatu zuen presoen esparru erdian.Kuttun bat zen. Batek lurretik hartu, ilargiaren argirantz jiratu eta... lauburu bat antzeman zuen. Bizkorrenen artean ahoz aho zurrumurru bat hedatu zen eta esparruaren leku estrategikoetan zutitu eta kokatu ziren. Geroxeago laban bat eta ezpata motz bat erori ziren barruan, inguruko sastraken artean abere handi bat mugitzen zen une berean. Erromatar zaindariak harantz zuzendu ziren interes planta eginez baina suak ematen zuen argitasun zein kanpamenduaren segurtasunetik gehiegi aldendu gabe. Ez zuten bizitza alferrik arriskuan jartzeko batere gogorik. Presoen buruzagiak prest zeuden erasoari ekiteko eta une hartan, haizeak bidalitako ziztu bat balira bezala gezi beltzek zeharkatu zuten airea zaindarien lepoa zulatuz, odoletan itota azken hatsa bota nahi, baina ezinean, lurrera erori ziren arte. Txakur, otso edo halako abere erraldoi batek jauzi egin zuen zaindari erori berriengana zetozen bi gudarien gainean, izua zabalduz kanpalekuan. Hegazti basati batek haizean parabolak eginez erromatarren aurpegietan jartzen zituen bere atzaparrak behin eta berriz. Anabasa hura guztia profitatuz, presoek langa lotzen zuen soka ebaki, kanpora jauzi eta lurrean zeutzan soldaduen armak bere eginez beste erromatar harrituen kontra oldartu ziren. Basotik haginaren zurez egindako arku bortitzak jaurtitako geziek etsaiaren paparra, lepoa, zulatzen zuten izua zabalduz, ilargiak edo Gauekok bidalitako ziriak balira bezala. Beste baskoi bat arroka batetik jauzi eginez, brokela eta ezpata erabiliz, borroka bizian ari zen askatu berriekin batera eta arkulariari keinu eginez erromatar buruzagiaren dendarantz abiatu zen hura harrapatzeko asmoz. Jatsu eta Zoko ziren. Erromatarrek ez zuten ezer ulertzen eta baskoiak gaua lagun, txikizio galanta sortzen ari ziren haien artean. Zoko, Jatsu eta artzanora galantak topo egin zuten buruzagiarekin, armak eskuan eta harridura begietan. Berehala ulertu zuen bere bila zetozela eta aurre egitera ausartu zen baina berehala zuen lepoan Jatsuren ezpata zorrotzaren muturra eta Zokoren arku galanta tenkatua, zintzurrari so. Hirurak harkaitzen artean desagertu ziren amen batean eta erromatarrek, espantuak jota, ihesari ekin zioten Lizarragarantz. Sua kanpalekuko jabe berria bilakatu zen eta baskoi askeek orain etsai batzuk zituzten preso. Pozik zeuden, baina era berean artega. Beraien askatasuna eskaini zioten anaien oihu edo beste seinale baten zain. – Non zaudete? Nortzuk zarete? Ager zaitezte! ! Handik gutxira Jatsu eta Zoko erromatar buruzagiarekin agertu ziren – Gabon anaiak! – Zergatik lagundu gaituzue? Ez genuen espero inor topatzerik baso zahar hauetan. – Anaiak, erromatarrak Urbasako baso sakratu hau urratzen hasiak dira harrizko bide hori, zauri odoltsu bat bezala irekiz basoan barrena, zuhaitzak boteaz, harriak eta amalurra zaurituz eta basoko jeinu on zein gaizto guztiak esnaraziz. Eta jeinu gaiztoen artean gaiztoena esnarazi dute, gure herri errugabea odolusten ari dena, Momotxorroa. Ustez erdi-zezen, erdi-gizaki, Urbasako jeinurik gupidagabeena. Bere basoan gertatzen denaren erruduntzat jotzen gaitu, gu baikara bere mugetatik gertuen bizi garenak betidanik; beraz, guri dagokigu amalurrari eta basoari berea dena itzuli, eta egindako kalteagatik eta sekulan inoiz berriro halakorik suerta ez dadin, odolezko eskaintza burutzea eta babestea. – Eta zer edo nor eskaini behar diozue? – Erromatar buruzagiak eta preso hartu dituzuen gudari horiek euren begiez ikusi beharko dute odolezko eskaintza hau, kideei eskarmentu bezala kontatu eta lur hau berriro urra ez dezaten. Hasi ziren eskaintzaren prestaketak. Gaua amaitu aurretik behar zuten egin, Momotxorro jeinua gauekoa ei zen eta. Zuhaitzez soildua zen belardi erdian enbor bat sartu zuten lurrean eta bertan buruzagia lotu armak oinetan zituelarik. Handik bi metrotara, baskoi presoak gordetzeko zegoen egurrezko esparruan, atxilotutako etsaiak. Buruzagiaren aurpegia borrokan hildako baten odolez blaitu zuten eta baita haren gorputz adarrak ere. Erromatarra izuak hartuta, bere hizkuntzan isildu gabe mintzo zen adurra zeriola. Begiak lehertzear zituen beldurrak jota. Presoak beraien artean mintzo ziren buruzagiari begira. Zerbait arraroa, beldurgarria, antzematen zuten. Jatsu eta Zokok errukiz begiratzen zioten enborrean lotuta zegoenari baina norbaitek ordaindu behar zuen basoari egindako kaltea eta ez ziren baskoiak izango. Dena den, beraiek ere ez zekiten zein zen jeinu hori eta zer gerta zitekeen, eta urduritasuna handituz zihoan haien artean. Bat-batean orro ikaragarri bat atera zen pagadiko zuhaitz guztien gainetik, inoiz entzundako marru bortitzena, bihotz ausartena ere izoztuta uzteko modukoa. Baskoiek ulertu zuten eta txintik atera gabe mendizerraren muinorantz abiatu ziren isilik, lasterka, kanpalekua sugarraren anparoan eta izuaren itzalpean utzita. Erromatarrek ere entzun zuten baso barrenetik zetorren orro beldurgarria eta ihes egin nahian ibili arren, esku eta oinak lotuta izaki, lurrean zeuden ezinbestean. Basoa aztoratzen hasi zela zirudien, zuhaitzak ere norbaiti edo zerbaiti bidea eman nahian ibiliko balira bezala, indar harekin ez topatzeko. Halako batean azken zuhaitzak zeharkatu ondoren agertu zen! Jeinu ikaragarria, erraldoia, zezenaren burua eta gizakiaren gorputza bat eginik, alde guztietara begira, norbaiten bila bafaka, adar erraldoi haiek mugitu zituen ilargia bera zulatu nahiko balu bezala. Suaren inguruan hasi zen itzulika bere adar eta lepo indartsuaz gaueko haizea urratu nahian, eta errepaso bat eman zion egoerari. Esparru barruan zeuden erromatarrak garrasika, erdi erotuta, beraien buruak jeinu erraldoiaren begi odoltsuetan islatuta ikusiz, azken orena iritsi zelakoan zeuden. Orduan Momotxorroa jiratu eta erdiko enborrera abiatu zen. Erromatar buruzagia konortea galtzekotan zegoen ezin baitzuen sinetsi ikusten ari zena. Une horretan jeinuak bere atzaparrekin zartakoa eman zion sabela urratuz. Segidan, beste kolpe batez, burua erauzi eta beste erromatar zein ilargiari garaikurra balitz bezala astindu, oihu ikaragarria jaurti eta jauzi batez basoan ezkutatu zen. Baskoiak ere izuaren menpe zeuden gertuko harkaitzen gibelean gordeta eta bertan gelditzea erabaki zuten egunsentia iritsi arte, imintziorik egin gabe, izuak hartuta. Basoetako Urbasako, jeinua zen. Gupidagabea, baskoiak ere hiltzeko prest zegoena, basoak urratu eta bere loaldia eragozten zuten bakoitzean. Oraingoz eskaintza harekin bakean utziko zituelakoan zeuden, egunsentiarekin batera erromatar presoei lokarriak askatu eta alde egiten utzi zituztenean. Elkarri begiratuz hitzik esan gabe ulertu zuten baskoiek helarazi nahi izan zieten mezua: Utzi bakean gure lurra, edo Momotxorroak dagokion ordaina jasoko du. LANTZEKO PATXAMAMA Ekuadorreko indiarrentzat Patxamama jenioak esanahi ezberdinak bereganatzen ditu eta tokian tokiko ñabarduren artean pare bat gailentzen dira, hots: Patxamama Amalurra, eta Patxamama Deabru beldurgarria biak lurraren erraietatik sortuak, errai horietara itzultzeko dagokion errituala burutu ondoren. Milurteko berrira etorriaz, hara non Lantzeko herrian, Nafarroa Garaian, ospatzen den inauteri famatuenetariko bat. Hainbat turista pertxenta zein motxiladunek indiar batzuekin partekatzen dute ospakizun hau, bakoitzak bere erara, bakoitzak behar ezberdinen karietara. Batzuk automobil eta furgoneta dotoretan iristen dira argazki makinaz eta arropa koloretsuekin. Gizaki handiak eta zurbilak dira konparatzen baditugu indiar txiki, beltzaran eta trinkoekin. Ele arraroetan mintzo dira duela 600 urte bezala. Batzuk gazteleraz, beraiei halabeharrez ezagutarazi dioten hizkuntza horretan eta besteak, ele arraro ezezagun batean, maiz beraien azoketan janzkera alaitsu eta koloretsuetako motxiladunek, erabiltzen duten horretan. Euskara deritzote. Ele batzuk dagoeneko ikasiak dituzte, haiekin tratutan merkantzia errazago saldu ahal izateko: polita, merkea, jantxi? arraroa egiten zaie bustidura hori: a! jantzi, bai, sei, zazpi, “z primeran ahoskatzen dute, euskaldunak bezain ongi” alajaina! ! Ba, hor ditugu gure bi familia indiarrak Lantzeko frontoian, goizean goiz, mantak lurrean eta era guztietako tramankulu, apaingarri, bitxi, jantzi, top mantak salgai. Beti irribarretsu azal beltzaranarekin kontrastatzen duten hortz txuri eder horiek erakutsiz. Begi beltz sakonak guztiari so, eta motots beltz distiratsua bilduta, haizea astinduz. Umeak bueltaka, builaka ari dira familiaren inguruan, itzuli-mitzulika irribarrea ezpainetan, zerbaiten esperoan. Ez da hemen dauden lehen urtea eta jakin badakite aurki, eguerdian, neguko eguzki hotza goren dagoenean herria lozorrotik esnatu eta magia berpiztuko dela, kaleak pertsonaia harrigarriaz mukurutuko direla, beste turista guztiak magia horren baitan desagertuz. Miel Otxin erraldoia denen gainetik Lantzen gaindi dantzatuko delarik izua barreiatuz. A!, zer une magikoa!! Beraientzat inauteririk politena da, dudarik gabe. Dena den, orain postuetan eta gero konpartsaren atzetik saltoka dabilen mutiko indiarrari beti beldur izpi bat sortu dio erraldoi horrek: irribarre maltzurrarekin, begi handi zabalekin, baina une bat besterik ez da izaten, harridura, gozamena, dantza, zalapartak une hori ezerezean uzten baitute. Igandeko ospakizunaren ostean turista guztiak aldentzen direnean beraien auto dotoretan eta Lantzeko herritarrak baserri ederretan gorde ondoren, indiarrak frontoian furgonetetan afaltzen eta berriketan ari direnean errepaso txiki bat ematen diote egunari, irabaziei, eta ... inauteriei. Beraiek Patxamama deitzen diote Miel Otxin erraldoiari eta euren herrietako istorioak gogoratzen, irudikatzen, itxuraldatzen dituzte Lantzeko pertsonaiak erabiliz. Emakume zaharrenak inguruan eserita ditu beste kide indiarrak, adiadi, bere ahotik irteten diren istorioak irensteko prest. Urtero legez ari ziren ordu txikietan kontu kontari ilargiari so emakume gazteek furgoneta zaharrak lotarako prestatzen zituzten bitartean, hain espazio txikia ahalik eta erosoena bilakatzeko asmoz. Halabeharraren halabeharrez abilezia galantaz, fardelak birkokatuz, furgoneta kankailua logela komun batean antzaldatzen zen. Bi umeek ezin zioten logurari eutsi eta amonaren altzoan lokartzen hasiak ziren. Lotara joateko ordua iritsia zen jada. Sua amatatu, azken hitzak eta otoitzak helarazi besoak ilargirantz luzatuz eta furgonetetara sartzen hasi ziren. Urtero bezala, Kuzko mutiko gazteak ez zuen lortzen loa bere baitan pausatzea eta besteak agurtu ondoren, zigarro bat erretzen gelditu zen, erdi-zelatari, erdi-sorgindurik ilargi bete zoragarriari so. Hiru urte zeramatzan talde horrekin Euskal Herriko txoko guztiak bisitatzen, bizitza berriari egokitzen, arrotza sentitzen, han utzitakoak gogoratzen, herri mina sufritzen... Bere jendearekin zegoen; baina, bakarrik sentitzen zen, ekaitzaren ostean, eurien bulkadaz basoko zuhaitz eroria errekara erori eta harrien aurka joka etengabe, harat-honat gelditu ezinean, sustraitu barik dabilenaren antzera. Bere minetan barrena, pipari sua eman eta ke-ponpak jaurtitzen ditu zerurantz ilargi potoloa, ilargi amandrea kezko eraztun horietan harrapatu nahirik. Lagunen ahotsak emeki-emeki itzaltzen doaz furgonetetan loaren besoetan daudenaren seinale, baina beste soinu arraro batzuk ere, berriak, ez abere ez natura, sumatzen ditu. Zigarroari zurrupa ematen dio ingurumariari zeharka behatuz badaezpada. Haize zirimolak izango dira... dio bere golkorako. Bat-batean, gorputzak ibiltzeko premia erakusten dio eta bere oinak nahi gabe, zer dela eta jakin gabe, frontoitik errekarantz abiatzen dira. Azken hiru urtetan askotan eman izan du Lantzen barna halako bueltaxka bat gauez, egunean zehar Miel Otxin, Txantxoak, Ferratzaileak, Zaldiko eta nola ez Ziripoten konpartsa zaratatsuak utzitako lorratz magikoak karriketako izkina bakoitzean birgogoratu nahian. “Izkina honetan Zaldikok lehen aldiz lurrera bota du Ziripot munstroa. Beste honetan txantxoek neska ile hori bat astindu dute behin eta berriro: (Eta zein aurpegi zurbilak diren hemengo gizaki hauek...) Hango karrikan Miel Otxinek bizpahiru bira eman ditu txistulari eta atabalariaren soinuaren pean, eta bukatzeko frontoi erdian, denek mutil dantza magikoa egin dute aurpegiak estalita, harmonian, Miel Otxinen agindupean.” Pentsamendu horiek jira-biran zebilzkionean buruan barna, erreka gurutzatzen duen zubian flash bat, tximistaren pareko argi-danbatekoa, sumatu du baserri baten paretaren kontra jaurtiz, eta berriro beste bat, eta beste bat, eta beste bat, eta argi danbateko bakoitzean, bere begien harridurarako, ikuskizun paranormal bat suertatzen ari zen Lantzen. Ilargi betearen argipean Lantzeko inauteriaren pertsonaia bat azaltzen zen, hartara, konpartsa guztia osatu zen arte. Kuzko hormari itsatsia zegoen magnetismo ezkutu batek bertan pegatsita utzi balu bezala, pipa lurrean, begiak bere betzuloetatik aterata, ahoa bete hortz, ille guztiak laztuta, oilo-ipurdia jarri zitzaion larrua. Atximurka egin zion bere buruari (alkohol gehiegi agian?) ez! dardarizoa ez zen alkoholak sortua, ikuskizun harrigarriak baizik. Argi kliska guztiak amaitu zirenean zonbiek parodiari ekin zioten, egunez egiten zuten antzezpen berbera beteaz, hain xuxen. Kuzko baserri zahar baten ate ostean sartu eta leihatila batetik begira gelditu zen. Bat-batean, kanposantutik beste argi danbateko batzuk entzuten ziren eta arima erratu gehiago zubirantz hurbiltzen hasiak ziren. Denek men egiten zioten Miel Otxin erraldoiari baina orain ez zuen behar txantxo dantzari bat azpian airean eraman zezan, ez, berak bakarrik egiten zuen, bera zen Lantzeko gauekoen dantzari nagusia eta haren irribarre malefikoa inoiz baino bortitzago eta zekenago erakusten zuen beste gaueko guztiak mespretxatuz. Txantxo fantasmagorikoek arima erratuak astintzen zituzten nagusiari, erraldoiari, Miel Otxini bidea irekiz, eta Kuzko gordeta zegoen baserri aurretik igarotzean, erraldoiaren begi fosforeszenteak bereak ikusi eta zulatu zituen, bat-bateko itsumena sortuz eta ezkerreko besoan norbaiten hatz indartsu eta beroak sumatu zituen bera eraman nahian edo. Oihu mutu batek eztanda egin zion eztarrian eta ahotik atera beharrean bere burmuinean lehertu zen, izua, estuasuna eta inoiz sentitu ez zuen ikarak bere erraietan betirako itsatsita gelditu balira bezala. Konortea galdu eta lurrean ziplo erori zen. Autobus baten galgak eta bertatik jaisten ari ziren ume aldrak esnatu zuten eguerdi aldean. Dena zen anabasa bere buruan, kolpe bat zuen kokotean, burmuinak lehertzekotan eta mingaina lakarra. Altxatu, txukundu zuen bere burua hala nola eta lastoak eta zikinkeria gainetik kendu ostean baserritik atera eta eguzkiari uko eginez frontoirantz abiatu zen. Han zituen bere lagunak zain, harrituta. Iritsi bezain laster galdetzeari ekin zioten: ea non egon zen, hori ez zela lan egiteko ganora, gehiegi edan ote zuen eta bere mantan zegoen umea ordezka zezala lehenbailehen. Dena zirimola, mozkorraldi bat zirudien bere barnean. Iturrira hurbildu, aurpegia garbitu eta bere postura abiatu zen. Hamabiak ziren, ezin zuen sinetsi hainbeste denbora igaro izana lotan eta oraindik ez zen gai izan hitz bat bera ere ahoskatzeko. Ez zen bere harriduratik ateratzen eta emeki-emeki gauean gertatutakoa, amestutakoa, nork daki? gogoratzen hasi zen, bere “top-mantari” kasu egiten zion bitartean. Herria lepo zegoen, egun handia zen eta zoko-moko guztietatik bertaratzen hasiak ziren betiko Lantzeko beteranoak, argazkilariak, ikastoletako autobusak, ume mozorrotuak, motxiladunak, takoidunak eta halakoetan egoten den fauna bitxia. Ostatuko leihoetatik Zaldikok jada bere zurezko ipurdia erakusten zuen, eta txantxo batzuk lastoa jaurtitzen zuten jendearen gainean lehen irribarreak sortu eta urduritasunari bidea emanez. Handik eta hemendik baserri-atarietatik txantxoak karrikara ateratzen ziren maskarada koloretsua erakutsiz eta inuzente batzuk erratzekin astinduz. Giroa emendatzen ari zen, dudarik gabe! ! Kuzkok, bere begi beltz sakonekin dena behatuz, batzuetan pentsatu zuen alboan zituen lagunei gauean bizitakoa azaltzea, baina beraiek ere ez zuten sinetsiko kontatu nahi ziena eta agian hobe horrela, zeren gertatutakoa egia balitz, berak ez zuen berriro bakarrik gaubeilarik egingo herri sorgindu hartan. Atera ziren arrapaladan txantxoak jauzika, jendeari iseka eta astinduak sobera banatuz, ume txikiak pixka bat beldurtuz eta aitona-amonen irribarreak bilatuz. Konpartsa magikoa Lantzeko karrikak betetzen hasia zen. Kaldereroak, ferratzaileak, aurpegi gabeko munstro beldurgarriak kirrinka, arrastaka, zarataka, daramatzate beren pertz ketsuak, jendearengan nazka eta beldurra sortuaz. Zaldiko basatiaren bila dabiltza, non ote? Han karrikan beheiti doa saltoka Ziripot beldurgarri eta era berean gaixoaren bila, ostikoka lurrera bota arte bere aurka joaz. Harrapatuko ote dute basoko zaldia ferratzeko, hezteko, menderatzeko, etxe-abere bihurtzeko? Ez da lan erraza izanen, ez alajaina, zaldi bihurria baitugu Lantzeko hau. Eta denen gainetik ia-ia Lantzeko baserri galanten teilatu gainetik erraldoia, pago haga baten inguruan osatutako erraldoi irribarretsua bere patuaren ezjakintasunagatik agian, edo heriotzaren bezperan inoiz baino ausartago azaldu nahi duena beharbada. Denek jira eta buelta egiten dute bere inguruan, bera ere dantzan ari delarik txantxo baten bizkar gainean. Lantz osoa kontrolatzen du bere handitasunak ematen dion talaia ikusgarri horretatik. Bitartean, Ziripot makiladun munstro potoloa hamaikagarrenean agidanez erori da lurrera zaldiko petralaren talka gupidagabearen ondorioz, eta txantxoek zutitzen laguntzen diote berriro ere. Konpartsak bira osoa eman dio Lantzeko herri txikiari eta frontoira hurbiltzen hasia da bertan mutil-dantzari ekiteko asmoz, baina indiarren postuen aurretik igarotzean, bat-ba- tean erraldoia Kuzko indiarraren aurrean seko gelditzen da nahiz eta musikak besterik agindu, eta beste kide guztiak itzultzen dira Miel Otxin daraman txantxoarengana jakin-minez, ezohiko gelditze horren zergatia asmatu nahian. Txantxoak berak ere ez daki baina zerbaiten aginduz, Kuzkoren aurrean dantzan hasten da. Gure indiarra ere harrituta dago eta bart gauean izandako lazdura berriro ere ezustean esnatzen da bere baitan. Bere begiek eta erraldoiarenak bat egin dute, eta panpina baten aurrean dagoela jakin arren, dantzatzeko agintzen dio. Azkenean bere gorputzak men egiten dio, eta konpartsan bat eginik, frontoiaren erdian osatzen den zirkuluan beste dantzari bat gehiago bilakatzen da erraldoiaren begiradapean. Kuzkoren lagunek ezin dute ikusten dutena sinetsi, Kuzko mutil-dantzan ari da sekulako prestutasun eta estiloz, betidanik ezagutuko balu bezala. Badirudi beraiek direla harriturik dauden bakarrak, beste orok naturaltasun osoz ikusten baitute ekitaldia, fitsik aditu gabe. Dantzaldia bukatu ostean denak bazkaltzera erretiratzen dira, iluntzean berriro ere plazan ekitaldi berbera errepikatu behar dute eta, erraldoiaren erreketarekin bukatuz. Indiarrek ere gauza bera egin dute eta beraien furgoneten ondoan jaten ari dira, mutu. Inork ez du aipatzen gertatutakoa. Halako batean amonak hitza hartzen du eta azalpenak eskatzen dizkio. Zer dela eta gelditu da erraldoia bere aurrean buruz buru? Zergatik parte hartu du dantzan? Noiztik ezagutzen zuen mutil-dantza? Kuzko konturatu da hori dela unerik aproposena gauean gertatu... edo amestutakoa kontatzeko eta ñabardura guztiekin kontakizunari ekiten dio. Indiarrek ezin dute sinetsi berak dioena nahiz eta magiaren munduak eta espirituek beraien sinesmenetan indar berezia jarraitzen duten izaten. Orduan, amonak hasperen bat botatzen du eta makiltxo batekin lurrean marrazkiak egiten hasten da mintzo den bitartean. Denak adi-adi gelditu dira. – Kuzkok esperientzia bat, irudipen bat izan du, arimen munduan sartu da, bera horretan saiatu gabe. Kuzkok boterea du bere barnean, txaman bat izan daiteke berak ez jakin arren eta espirituak, herri honetako espirituak, bera erabiltzen ari dira zerbait adierazteko... Amonak jarraitzen zuen margotzen eta une berean marrazkiak, sinboloak ezabatzen, olatuek hondartzan egiten duten bezala. – Baina zergatik ni amona? Ez da nire gustuko esperientzia izan eta ez dut uste ezer onik ekarriko didanik. – Ez dizu ezer onik ekarri behar derrigorrez, Kuzko; ikusteko ahalmen berezia duzu, onerako zein txarrerako, baina orain jakin behar dugu zer esan nahi dizun erraldoiaren espirituak... Denak isilik zeuden. Beste batzuetan ere amona mintzatzen zenean gauza arraroez, ezohikoez, denak isildu, entzun eta men egiten zioten. Taldearen ama espirituala zen, nolabait esateko. Baina zer esan behar zioten herri arrotz horretako espiritu ezezagunek beraiei, urrutitik etorritako indiarrei? Ez al zuten euskaldun hauek txamanik haiekin mintzatzeko? Galdu al zuten jada ahalmen hori? Garbi zegoen ezetz. Ardura gehiegi, gauza gehiegi zituzten Amalurrari kasu egiteko, Patxamamari kasu egiteko, berarekin hitz egiteko, nahiz eta jakin haiek oraindik Naturarekiko harremana mantentzen zutela, baina porlana gailentzen ari zitzaien gogoak blokeatuz. Horregatik, beharbada, Miel Otxinek aukeratu zuen bere herria, beraiek oraindik ere, bere modura Patxamama, Amalur, gurtzen zutelako, oraindik ez zutelako galdu zilborrestearen lotura hori, horregatik aukeratu zuten Kuzko, haien arteko txaman berria. – Horregatik aukeratu zaituzte zu, seme. Begira, Lantzeko erritual hau urtero ikusten dut ene begiez eta beti ere bukatu gabea dagoela, zerbait falta zaiola iruditzen zait –zioen amona indiarrak–. Herri hau Naturarekin oso lotua egon dela nabaritzen da, baina erritualaren katea noizbait eten egin da, pieza bat falta zaio eta horregatik espirituek ez dute atsedenik hartzen eta zuri Kuzko agertu zaizkizu gaueko inauteri horretan, irtenbide baten eske. Ez dute jarraitu nahi etengabeko parodia honetan atsedenik hartu gabe urteak joan, urteak etorri. – Eta zer da, zure ustez, falta zaiona? – Zer da gaur gauean, urtero erraldoiari egiten diotena? – Ba,... epaitu, tiroa eman, sabela urratu eta sutara bota. Betikoa. – Eta, gero zer? Horrela bukatu behar al du espiritu horren bidaiak? Pentsatu pixka bat. Pentsatu gure Patxamaman. Lurretik sortua... (eta amonak nahita sortutako eten bat utzi zuen airean). Denek elkarri begiratzen zioten erantzunaren bila baina inori ez zitzaion bururatzen irtenbiderik. Eta isiltasun hura urratuz, Kuzkok erantzun zuen: – Lurretik sortua, lurrera itzultzeko. Horra hor erantzuna. Horra hor falta den katebegia. Miel Otxinen errautsek lurrera itzuli behar dute. Horrela al da amona? – Horrela da seme, hori da falta zaiena, espiritu horiek betiko bakea berreskura dezaten. Eta herritarrek ez dakitenez, ene ustez, guk geuk lagundu beharko diegu azken erritual hori burutzen, zirkulu magikoa ixten. Gaur gauean izanen da, denak lotara doazenean guk gure lana beteko dugu, espirituek hala eskatu digutelako, denon mesederako. – Hala bedi!! Esan zuten denek aho batez Eta indiarrak bazkari xumea bukatu ondoren, altxatu eta bere postuetara hurbildu ziren berriro, turistak mandeuliak bezala itzuli-mitzulika ari baitziren, hau zenbat eta beste hori zenbat? galdetuz. Gauean izanen zen beraz. Eta errituala errepikatu zen arratsean, eta argazki kameren flashek inoiz baino gehiago eztanda egin zuten Miel Otxin, Ziripot, Ferratzaile, Zaldiko eta Txantxoen musuetan, jauzietan, kolpeetan, harat-honatetan... Eta iritsi zen une magikoa eta tirokatu zuten erraldoia, sabela urratuz, bere lasto-barrunbeak sutara boteaz, eta dantzatu zuen herriak behar bezala suaren eta erraldoi gaiztoaren errautsen inguruan, behin eta berriro, antzinateko usadioak zioen bezala, etengabeko musika monotonoak eta jira-birak sortzen duen katarsiaren bila, baina maskaradun dantzariak ez zeuden oso adi. Batak hurrengo eguneko lana zuen buruan jiraka, besteak poltsikoan konturatu gabe segapotoa utzi eta dardarizoa bere musikatxoarekin batera joka zuen, Patxik autoaren letrak nola pagatu, Jonek semeak bart emandako disgustua gogoan, Joxeanek ganaduaren azken salmentarekin galdutako diruak bueltaka tripetan... Hori dena ikusten ari zen bere begiez Kuzko, nahi gabe, bereziki saiatu gabe, baina hain garbi sartzen zen haien buruetan ezen beldurra ematen zion. Oraingo honetan ez zegoen dantzan, begira baizik, ez baitzuen indar kontrolaezin hura berriro sumatu. Joan dira denak, plazan azken sugarrak eta errautsak utziaz eta han darraite gure indiarrek beti bezala presarik gabe, estuasunik gabe, bizitza beraien erritmora makurtuz, irribarrea ezpainetan, argitasuna begietan, une egokiaren zain. Unea iritsi da eta ordurako fardel guztiak jasoak dauzkate furgonetetan. Gaur ez dute Lantzen lo egingo; egitekoa egin ondoren alde egingo dute bertatik. Jaso dituzte erraldoiaren errautsak eta zubirantz abiatu dira amona eta Kuzko, besteek urrutiagotik dena ikusten duten bitartean. Zubia zeharkatu eta gero, lurrean makurtu dira biak eta aitzur batekin zirkulu bat osatu dute. Belar batzuekin zirkulua estali eta segidan Kuzkok, plazan hartutako errautsak erdian jarri ditu eta ohiko otoitza ahopeka errezitatu du zirkulutik kanpo eskuak zerurantz luzatuz: – Patxamamak emandakoa Patxamamarengan gelditzen da. Zubiraino erretiratu dira biak eta une bat itxoin dute zirkuluari begira. Orduan zirkuluaren erdian argi eztanda bat suertatu da eta irudi fantasmagoriko bat, Miel Otxinena alegia, sortu da lurretik. Irribarre egin du zubiaren bestaldean dauden bi indiarrei begira eta lurraren magalera itzuli da. Buru-makur itzuli dira amona eta Kuzko furgonetetan zain dauzkaten beste lagunengana eta poliki-poliki Lantzetik ateratzen hasi dira. Orduan gaueko isiltasunean beste eztanda bat entzun dute, bertan seko geldituz. Ahots bat besterik ez dute entzun: – Eskerrik asko adiskideak, esker aunitz. MARKITOS ERRE DEZAGUN! ! XVI. mendearen erdialdean gaude, 1563. urtearen udazkenean hain zuzen, Agurain hiribilduaren inguruan, Gazeo, Zalduondo herritxoek inguratuta, La Lezeko zulo beltz, misteriotsuaren aho zutaren begiradapean. La Leze delako koba, zaharrek diotenez, akelarre-gunea izan omen zen aspaldian bere forma berezia eta erraietatik sortzen, igarotzen, den errekak betidanik inguru horri eman dion izaera magikoa zela eta. Hortik gertu, Aizkorriren altzoan, Gipuzkoara bidean, beste aho biko koba, pasabide enblematikoa dugu, San Adriangoa alegia, “deabruaren ahoa” goitizenez bere iluntasunagatik, nondik erromatarren garaian egindako galtzadak bidea ematen baitzion Bordele eta Astorga lotzen zituen garraiobide bati. Bi leize esanguratsuen arteko inguru magikoa, gure istorio honetan Zalduondori egokitu zaiona. Markos, Markitos, Burgoseko bere ezagunentzat, merkataria, mandazaina genuen ofizioz, txikia gorpuzkeraz, hargatik gaztelauek jarri zioten goitizena –txikia zara baina mandoak baino egoskorragoa, kar, kar, kar– esaten zioten aldizka, bere bidaietan Burgosera jaisten zenean merina arrazako artilea, olioa edota ardoaren bila, gero Bilbora zein Donostiara garraiatzeko. Ez zen ongi konpontzen tratulari haiekin, eta ez zen inoiz beraiekin ardandegira joaten isekak ez entzutearren. Ahalik eta lasterren tratua itxi eta alde egiten zuen tximistaren pare. – Nazkante hutsak dira, baina zerri bakoitzak izan ohi du bere San Martin, bai jauna! !– esaten zuen ahopeka. Lehenbailehen bukatu behar dut merkatari handi-mandi hauekin, eta Lizarra aldera joan merkatu berriak arakatzera. Bere ibilbidea, aroaren arabera laburtu edo luzatu egiten zuen. Neguan, Gasteiz, Agurain eta Sakanan ibiltzen zen, udan bere biltegietan metatutako ardoa-artilea-olioa hirukote magikoari etekin ederrak atereaz, elur jasek Etxegarate eta beste portuak ixten baitzituzten luzaroan. Arriskatzekotan nahiago zuen aukeran Burgos aldera jaistea mendi elurtuetan barrena ibiltzea baino. Elurrak urtzerakoan luzatzen zituen berriro bere mugak eta noizean behin Donostiaraino ere joaten zen, eskaera edo aukera bereziren bat zegoenean, edota bidaiariren batek notizia interesgarriren bat helarazten zionean. Txikia esan dugu zela gure Markos, baina txikia bezain betilun eta fidagaitza gehienetan, negozio zaila baitzuen esku artean. Erne ibiliz gero dirutza sortzeko aukera ematen zuen baina arriskuz betea zen era berean: bazter guztietan lapurrak, tratulari asko ere lapurren kategorian sartuko zituen, hainbat merkantziekin izandako gorabeherak zirela medio. Behin Errioxako ardogile hark saldutako hamar barriketatik zortzi ozpinduta zeuden eta ordainetan ia-ia Zegamako bezero garrantzitsu bat galdu zuen. Halabeharrez beraz, hitz gutxikoa eta bekozkoduna genuen Markos merkataria. Pare bat biltegi zituen bere ibilbidean, mandoak gobernatzeko eta generoa biltzeko, eguratsak edota negozioak hala aginduta; horietariko bat Zalduondon bertan, herri txiki haren kanpoaldean, Larreatarren jauregi dotorearen itzalpean. Hitzontzia ez izan arren ezinbestean bizi behar eta lanak utzitako tarte urrietan gustuko zuen Zalduondoko ardandegira hurbiltzea, berak hornitutako ardoa edan eta afari goxoren bat ahoratzeko. Gainera toki horiek ziren onenak azken berriez jabetzeko, ez baitugu ahaztu behar, Donejakueren bidearen kostaldeko adarra, San Adrian gaindi Zalduondotik bertatik pasatzen zela eta erromesek –ugariak ez izan arren– beti zekarten berriren bat edo beste, negozioak kalkulatzeko pistak ematen zituena. “Belarriak erne eta mingaina txuloan”, hori zen bere leloa. Pista gutxi negozioez eta esandakoak ahal dela gezurrezkoak. Ez zuen fama ona Markitosek Zalduondon, eta pentsatzekoa da normalean gaua pasatzen zuen beste hainbat herritan ere antzera gertatzen zela. Baina etxe nagusia Zalduondokoa izanik, gustukoa zuen mendi magalak hain gertu izatea. Gustukoa zuen bezala noizean behin bere ibilbidea aldatzea Gipuzkoatik itzultzerakoan, karga gutxirekin zetorrenean, San Adrianetik igaro eta gero Lezearango ataka irabazi ondoren, aurrez aurre Urbasa ikustatzea eta Aizkorrirekin batera erdian kokatutako Sakana horretan bista luzatzea, Agurain bere oinetan ikusi arte. Sentsazio polita zen, bai jauna!! Bere txikitasunean hori guztia bere mende izatea, munduko pertsonarik garrantzitsuena sentitzea, hor nonbait. Urriaren gau hartan Zalduondoko tabernan zegoen Markos eta gizon bat sartu zen, bertako guztiak agurtuz, erromesa zirudien, haren euskara bereziak adierazten zuen bezala. – Gau on! –bi pusketan bereiztua eta ongi ahoskatua bota zuen–. – Baita zuri ere –erantzun zion tabernariak. – Jakin dezakegu nor zaitugun? Erromesen artean aski zabaldua zegoen ahoz aho, zein hainbat kantetan Zalduondoko jendea adeitsua zela bidaiariekiko eta harrera onekoa, fidatzekoak alegia, eta horrek merezi zuela aprobetxatzea, bidaiako beldurrak eta esamesak bertako ostatu zein tabernan bota, bizilagunen jakin-min sanoa asetzeko. – Baionatik etorria naiz. Santiagoko bidea eginen dut. – Oso ongi mintzatzen zara euskaraz. – Eskualduna naiz lagun! Iparraldeko anaia. – Ta? Zer diote bideek ba? Jakin al daiteke? –esan zion tabernariak ardo txarro bat atera eta ogi puska bat jartzearekin batera. – Barka!! Aurrena... zerbait jan behar al duzu? Ostatua behar? Gela bat badut libre, prezio onean. – Esker aunitz! Bai, gaua hemen pasatu nahiko nuke. Akituta nago, egun luzea izan da –eta halabeharrezko irribarre bat marraztu zuen aurpegian berehala ardoa eztarrian hustu eta mahaira kopetilun begira geratu aurretik–. Zerbait arraroa zeukan erromes horrek. Ez zuen txintik esan nahi bidaiaz, nahiz eta tabernariak zirikatu; eta etengabe mugitzen zuen gorputza azkura izango balu bezala, era berean inguruko jendea artega behatuz. Markos bere udarako joan etorrietan gero eta maizago aditzen ari zen izurrite berri baten oihartzuna han-hemenka, bai Burgos aldean zein Donostiako portuko tabernetan. Ez dakit nongo itsasontzi italiarra tiroka lehertu zutela Marsellako portuan sartu nahian zebilenean, edota Burgos aldean hiritik gertu halako kanpaleku berezi bat eraikitzen ari zirela izurritearen susmoa zuten jendearekin, eta gaia beldurgarria izateaz gain bere negozioetarako penagarria zen, komertzioa desbideratzen zuelako eta askotan, hiriak batik bat hustu egiten zirelako jendearen izua zela medio. – Egia al da Donostian uda honetan itsasontzi italiar batek portuan sartu nahi eta ez diotela utzi, lagun?– bota zuen Markosek–. Barkatu Markos nauzu, merkataria, zure zerbitzurako. – Markos iruzurgilea– entzun zen tabernako kantoi batetik, algara ozenak barreiatzen zirelarik, inguru ilunean. – Ez dakit. Eta zergatik ez zioten sartzen utzi behar ba? Itsas-lapurra ote? Eta irribarre maltzurra berriro agertu zen balizko erromesaren ezpainetan. – Ba izurrite beltzak jota zegoelako, lagun! Hori esatean tabernako ahots, zarata eta marmar guztiak ezabatu ziren eta denak etorri berriari eta Markosi begira gelditu ziren. Erromesak tentsioa bere lepoan sumatu zuen, begirada guztiak iltzatuak baitzituen. – Ez, ez dut ezer entzun ez bainaiz Donostian sartu. Eta hori esan bezain laster berriro hazka eginez lepo estalian eta hankartean, zutitu eta eskainitako gelarantz abiatu zen. Hurrengo goizean inork ez zuen ikusi gizona eta tabernariak bakarrik esan zuen aurpegia erdi estalia zeramala nahiz eta hego haizea bueltaka zebilen goiz hartan, eta ez zuela beste gau bat gehiago gelditzeko asmorik. Markos azeri zaharra zen eta nahiz eta gezurra izan esandakoa, konturatzen hasia zen aspaldiko partez erromes kopurua handitzen zihoala San Adriango bide aldapatsuetatik, eta inor ez zela gelditzen gau bat baino gehiago ostatu hartan, beste garaietan bezala, Zalduondoko harrera ona dastatzeko sikiera. Zerbait arraroa gertatzen ari zen eta bai Burgoseko Santiago bidea, bai kostaldekoa aspaldiko partez puzten hasia zen, aurpegia erakusten ez zuten erromes kapusaidun gehiegirekin, gauza onerako. Domun Santuko festa iritsi aurretik azken bidaia azkarra egin behar zuen Donostiarantz berri freskoak jasotzeko asmoz neguak portu guztiak itxi aurretik. Zaldi eta txoriek lurrikara txikiena suertatu aurretik, antzeman eta ihesari ematen dioten bezala, Markitos azeri zaharra, horrela zebilen uda partetik hona, usainean... Sakanan eta Burgosen egindako azken erosketa eta trukeekin bere biltegiak bete ondoren Donostiarako azken bidaia prestatzen hasia zen. Hori aurretik Zalduondoko aitona zaharrena biltegira gonbidatu zuen eta biak bakarrik bazkaldu zuten jaki eta ardorik goxoena dastatuz, elkarrizketa berezi bati hasiera emateko. Adrian aitonak ia hirurogei urte beteak zituen, Zalduondoko zaharrena zen. Kaparra goitizenez, txikitatik nahiz eta ezbehar ugari izan beti, katuak bezala tente erortzen zen, bizitzari kementsu atxikituz, hala nola kaparrak haragiari. Norbait izatekotan hark izan behar zuen Markosek behar zuen informazioaren atal bat eman ziezaiokeen bakarrenetarikoa. – Adrian, goxoa egon al da saiheskia? Eta ardoa? – Bai, alafede Markitos. Baina zer gertatzen zaizu? Hego haizeak jota zabiltza? Hau ez da zure ohiko estiloa. Zer jakin nahi duzu, alproja horrek? – Ondo baino hobeto ezagutzen nauzu Adrian eta ez naiz luzaroan ibiliko lardaskan, harira joango naiz. Izkribuek eta kantek diote duela 200 urte gutxi gorabehera izurrite latza egon zela lur hauetan, izurrite beltza, alegia. Zuk horren berririk baduzu? Adrianen kopeta zimurra, zimur gehiago onartzen ez zuen larru hura, are gehiago zimurtu zen eta mahai gainean zuen ardoa zintzurretik behera eraman zuen, bat-batean jarri zitzaion marranta konpondu nahian. Begira gelditu zitzaion Markosi une batez eta arnasa sakon hartuaz esan zion: – Zergatik galdetzen didazu hori Markos? Zuk zerbait badakizu eta jakin nahiko nuke zer den, neure erantzuna eman aurretik. – Begira Adrian, hau ez da komeni zabaltzea oraindik baina bihar Donostiara egingo dudan bidaian ziurtatuko ditut nire susmo beldurgarriak. Nire ustez izurritea bai Burgosetik eta bai Kostaldetik zabaltzen hasia da eta berri freskoak jaso nahi ditut portuan, hori izaten baita zorigaizto zein zorioneko berri guztien lehen habia. Adrianek, ia hirurogei urte zituzten begi sakon haiekin Markosenak behatu zituen ea brometan zebilen aztertzeko. Ez zen txantxa, ez. – Markos, nik dakidana zera da: nire aitonak ongi gordeta zuen pasadizo bat behin eta berriro bere aitonak berari eta hark guri kontatutakoa, txikitan ileak tente jartzen dituen horietakoa eta espero dut sekula santan lur hauetan berriro gertatuko ez dena. – Zeintzuk ziren sintomak eta nola zabaltzen zen? Hori da jakin nahi dudan bakarra. Ba al daukazu erantzunik? – Motzean esango dizut: sukar handia, buruko min latzak, orban beltzak nonahi, begi gorri eta puztuak, hats kirastua, eztul bortitza, eta bukaeran zornazorroak eta ultzerak. Eta amaitzeko Herio. Garden mintzatu naiz? – Eta nola zabaltzen zen? Ba al dakizu ezer? Adrian nekatzen hasia zen, ezin zuen luzaroan eserita egon, oheratu beharra zeukan sarritan; baina, ez ohiko galdera horien aurrean erne eta arretatsu erantzun zion Markosi, bere bizipen guztien altxorraren azken bazterrean gordeta zeuzkanak aipatzeak berak ikara sortzen zion arren: izurrite beltza, Herioren armarik boteretsu eta latzena, aspaldiko partez bere mundua bisitatu ez zuena eta orain agian, Markosen begietan antzematen zuen galdeketa hartan berpizteko zorian zegoena. – Batzuek diote arratoi beltzak direla Heriok bidaltzen dituen lehen mezulariak, zigorra badatorrenaren adierazle. Besteek kutsatutakoaren hats bera; ez da gauza samurra asmatzea. Nik bakarrik dakit nire aurrekoek kontatutako istorio hartan zera ziotela: inguru hauetako hainbat jende izurritearen erdian errito zaharrei heldu eta La Lezera bueltatu zela akelarreak burutu eta deabrua gurtzera. Gauza da, herri osoak desagertu zirela eta ezerezetik eta beldurrak jota hasi behar izan zutela bizirik gelditu zirenak. Eta agure zaharrak negarrari ekin zion, zerbait beldurgarria aspaldiko partez bere baitan zoritxarrez berpiztu balitz bezala. Markos konturatu zen ongi lurperatuta zeukan amesgaizto bat ernarazi zela Adrian xaharraren bihotzean eta erruki eman zion. Ez zuen merezi halakorik. – Adrian, barkaidazu antzinako mamuak zure barnean berpizteagatik, baina jakin behar dut zeren aurrean gauden, agian etorri badatorrelako. Eta azken mesedea eskatuko nizuke: ezazu elkarrizketa honetaz deus esan inori, ez ni bueltatzen naizen arte behintzat, ados? – Ondo da Markos, baina zuk esaten duzun bezala baldin badator gureak egin du, ziur egon. Jainkoak bedeinka gaitzala. Bere makulua hartuta alde egin zuen aitonak biltegitik eta Markos bidaiaren azken xehetasunak prestatzen hasi zen. Hurrengo egunean goiz abiatuko zen San Adrianetik Donostiarantz, Tolosan gaindi. Zama gutxi zeraman aldean, diru batzuk eta janaria besterik ez asto baten bi otarretan. Laban bat ezkutuan eta aizkora zorrotz bat astoaren lokarriei lotuta. Abila zen Markos bi arma horiekin, inork ezustean harrapatuz gero bertan seko uzteko modukoa. Egunsentia baino lehen gustatzen zitzaion abiatzea badaezpada inork ez zezan ikus zenbat zamari zeramatzan, eta gero eta laburragoak ziren egunei aurre hartzeko asmoz. Zegaman bazuen amorante bat, baina honetan presaka zebilen eta agian itzultzean izan beharko zuen. Zalduondotik hasi eta Lezearango atakaraino bide malkartsua eta gogorra zen baina bera oraindik sasoian zegoen eta ongi menderatzen zuen bidaiaren zatirik neketsuena. Ataka hartara iritsi bezain laster bere janzkera aldatu ohi zuen, otarretan gordeta zeraman artzain arropa jantziaz. Horrela balizko bidelapurrak, mendian barna zebilen artzain bat zelakoan, despistatzen saiatuko zen. San Adriango kobazulora iritsi aurretik, halakoetan beti antzezpen bera egiten zuen: bidea ongi ikasia zuen astoa aurretik bidali eta bera atzetik arlote planta eginez, builaka, segika, asto apetatsuak ihes egin izan balio bezala. Oraingo honetan ondo atera zela zirudien, inor ez baitzegoen gordeta zuloan, bizkarretik salto egin eta lepoan labana jartzeko prest. Egunak joan, egunak etorri, iritsi zen Donostiara eta astoa eta artzain jantziak ezagun bati utzita kaian zegoen taberna batera abiatu zen. Donostia, gero eta gehiago, garai bateko merkataritzarako herri prestua izateari utzi eta soldaduz betetzen hasia zen; gero eta arma gehiago, eta gotorleku indartsuago bihurtzeraino, frantses zein ingeles armaden kontrako lehen gotorlekua bilakatuz. Baina, hala ere, erne ibiliz gero beti zegoen zer entzun, zer atera. Tabernan Zaragoza aldetik berriki etorritako soldadu batzuk zeuden edaten oraindik ere dirudienez beraien destinoa zein izan zitekeen garbi jakin gabe. – Donostiara edo Pasaiara, nora kristo bidaliko gaituzte? – Pasaia itsusiagoa omen baina merkeagoa da parrandak egiteko. – Gutxienez Zaragozako zulo beltz horretatik ihes egiterik izan dugu, ea bueltatzen garenerako zuloa garbirik dagoen! – Zulo horretan gure familiak daude, ergel halakoa! Eta haiek zer? Zer egingo dute gaixorik jartzen badira? – Zuk badakizu horren aurrean (eta horren hitza baxuago ahoskatu zuen) ez dagoela ezer egiterik. Probatu nahi baldin baduzu buelta zaitez bertara!Ez dago irtenbiderik motel! Horrek ez du gaixorik uzten, gorpuak besterik ez! –eta beste basokada bat hartu zuen–. Markos diskrezio osoz haiengana hurbildu eta ezer gutxi entzun balu bezala, tartean sartu eta gonbidatu egin zituen: – Ongi etorri lagunak!! Zaragozakoak zaretela entzun dizuet nahi gabe! Herri polita hura eta herri polita baita Donostia ere, ez duzue uste? Topa dezagun gure herriengatik. Hurrengoa neure kontura! Eta ardoak mingainak askatzen dituen neurrian, joan ziren hiru soldaduak beren beldurrak, minak, desioak eta aipa ezina zen delako horren berri ematen. Dagoeneko Herio zamalkatzen hasia zen Zaragozako lurretan eta jende gaztea salbatu nahian edo, armada beste toki batzuetara bidaltzen hasia zen gizajo hauek. Aski zen hori jakitea Markosek hurrengo egunean berriro ere bueltako bideari ekiteko, Zalduondoko herritarrak abisatzeko asmoz. Halaxe izan zen eta izurritearen mamua dantzan zuelarik bere buruan ez zen gelditu ezta Zegamako amorantearen etxean ere, herrira iritsi nahi baitzuen lehenbailehen. Presa beti lagun exkaxa izan da denetarako, ohiko sosegua eta oreka askotan lausotu eta hausten duelako, eta halaxe, beldurra hezurretan eta bere negozioak lehenengo eta herritarrak gero babestu nahian sartu zen Markos San Adriango tunelean barna, ohikoa zuen antzezpena burutu gabe, eta zulo beltza igarotzerako bazituen bi alproja aurrean itxaroten. – Egunon deigula Jaungoikoak, jauna! ! Markos beranduegi konturatu zen hanka sartu izanaz eta artzain arlotearen paperari ekitea pentsatu bazuen, nahiago izan zuen egoera aztertu eta gero gerokoak. – Baita zuei ere. Nolatan ba bide honetan? – Debekatua al dago ba? –arrapostu egin zion txikienakgu bezalako alproja, baztertuak ez al dugu ba eskubiderik bideetan ibiltzeko, jaun dotorea? – Nola ez ba! Bideak denonak dira, horretarako daude!! Zerbait nahi didazue esan? Presarekin nabil. –eta hori esatean aizkora zegoen atzeko aldera hurbildu zen poliki–. Une berean bidelapur handiena bere eskuin aldetik hasi zen mugitzen bestea hurbiltzen zitzaion artean. – Ba bai, jakin nahiko genuke zer eman ahal diguzun egun zoriontsu bat pasatzeko, Zegaurako kartzelan egurra besterik ez dugu jaso eta orain, horren truke, zerbait merezi dugulakoan gaude. Zure arropak eta zure astoa adibidez. Hori esan zuenerako Markos aizkora jaurti eta aurrez aurre zetorkion alprojaren harridurarako, bihotzaren parean zulatu zuen. Amorruak jota, eskuinaldean zeukan erraldoiak, gainera salto egin eta lurrera bota zuen zintzurra estutzen zion bitartean. Markos erraldoiaren eskuak aldentzen saiatu zen baina alferrik, indartsuegia zen. Bertan hiltzeko zorian zegoenean, lapurra eztulka hasi eta bilisa atera zitzaion ahotik bere aurpegia zipriztinduz. Istant horretan eskuak askatu zituen dardarizo ikaragarriaren poderioz eta Markosek ezkutuan zeraman labana atera eta zulatu egin zuen behin eta berriro. Gizona bere gainera erori eta Markosen ustez Donostian utzia zuen Herioren lehen abisua bere aurpegi aurrean ikusi zuen krudeltasun osoz. Aurpegia orban beltzez josita zuen! ! Ahal izan zuen bezala gainetik kendu eta alde batera bota zen arnasa berreskuratu nahian. Erdi zorabiaturik zegoen erasoagatik eta aurpegian zerbait likitsa sumatu zuen. Lapurraren bilisa zen. Nazkak jota handik gertu pasatzen zen errekastoan sartu zuen burua behin eta berriro eskuak, aurpegia, konpultsiboki garbituz. Aizkora eta labanarekin gauza bera egin eta bi gorpuak makila batekin bide bazterrera zokoratu zituen. Ez zuen pistarik utzi nahi han bertan, badaezpada. Dena den, azken gauza bat egin behar zuen nahiz eta gogoak kontrakoa eskatu. Makila bat erabiliz arropak altxatu eta... zornazorroak eta ultzerak ikusi zituen. Izurriteak jota zeuden eta haietako batek bi lisa bota zion!!! Garrasi ozen bat bota zuen San Adrianerantz eta aurrerantzean, izua bere baitan likatuta gelditu zen. Atakara iristean sakana begiztatu zuen baina zegoeneko ez zen munduko gizonik indartsuena sentitzen, baizik eta patuak, zoritxarrak, jotako gizajo bat, han San Adrianen hil zituen haien parekoa. Egia zen batzuetan zorionez, bestetan zoritxarrez, Heriok denak berdintzen gaituela, ez dela inor libratzen bere besarkadatik, baina... heriotza hau, izurrite hau, zergatik?? ? – Zergatik ni????? Zergatik ni??? –oihukatzen zuen behin eta berriro Zalduondora begira. Luzaro egon zen talaia hartan eserita pentsakor, zer egin jakin gabe, nora jo, nori esan, dena zen beltza bere gogoan. Baina agian ez zegoen kutsatuta, lapur haiek urrutiegi zeuden Donostiatik, euskaraz mintzo ziren, beraz ez ziren Zaragozakoak... Bai baina eta zornazorroak?, Eta orbanak?? ? Burutazio horiek guztiak buruan dantzan zebilzkiola, Zalduondora zeraman aldapa jaisten hasi zen. Inor gutxik erreparatu zion etorri berriak egindako ez ohiko bideari biltegira sartu zenean, Markosek diskrezioa bilatu nahi baitzuen bere burua argitzeko. Zelatari bakar bat zegoen adi 1563ko azaroaren bukaerako egun hartan bere hirurogeita bat urte bete berriek ematen zioten patxadari eutsiz eta jakin-minez borborka, eta Markos ez bazitzaion hurbiltzen, bera joango zitzaion bila aurki. Bere bidaietan egiten zituen ohiko gauzak errepikatu eta ardandegira joan zen hurrengo iluntzean, planta egitera. Alde batetik ez zuen izua barreiatu nahi Donostian entzun eta San Adrianen gertatutakoagatik, baina bestetik herritarrek zerbait jakin behar zutela uste zuen. Dena den, berari gertatutakoari buruz, txintik ere ez! Sartu bezain laster, su bazter txokoan aurkitu zuen Adrianen begirada zaharra eta berarengana gerturatu zen. – Gabon Adrian. Zer dugu? Aurrena zorionak zure urtebetetzea dela eta. Inork gutxik lortu du herri honetan eta inguruetan zuk bezainbeste irautea. – Eskerrik asko Markos, baina nire kandelari su gutxi gelditzen zaio. Edozein haizek itzal dezake noiznahi. Bizitzen ari naizen egunak oparitzat hartzen ditut, besterik ez. Ta? Zer kontatzen dute Donostia horretan? Berririk bai? – Begira Adrian, nire susmoak baieztatu ditut eta portuko taberna batean Zaragozatik etorritako soldadu gazte batzuei entzun nien izurritea indarrean dagoela lur haietan. Nork daki zenbat denbora pasako den hona iristeko. Zaharrak etengabe begiratzen zion eta ohiko uzkurtasuna baino zerbait gehiago sumatzen zuen Markosen begietan, ez zion bere begirada nekatuari eusten, elkarrizketa hartan egin zuen bezala, ohi bezala. – Beraz... gertu daukagu, ezta? – Uste baino gertuago –ihardetsi zion Markosek–. – Ba jendeari esatea hoberena, ez duzu uste? Galderari erantzun behar zionean, eztul bortitzari ekin zion Markosek, etenik gabe, eta bere onera etorri zenerako begi gorri hanpatuak zituen. – Ondo zaude? Bai estualdi latza zurea! – Ez da ezer! Bidean hoztu egin nintzen eta negua gainean dugu, badakizu! ! – Tira, tira, ba, zaindu zeure burua Markos. Dena den jendeari esatearena, nola egingo duzu? – Ba, nire ustez onena hemen tabernan bi egun barru elkartzea izango da. Nik entzundakoa botako dut eta gero bakoitzak egin dezala ahal duena. Zabaldu zen mezua Zalduondon zein inguruetan eta herritarrek denetik esan zuten: hori aspaldiko kontua zela eta ez zela berriro gertatuko, alde egin beharra zegoela Agurainera badaezpada, erromesak ez zirela onartu behar ez bazuten gorputza erakusten eta galdeketak egin behar zitzaizkiela nahitaez, Markos dirugilea zela eta zerbait izango zuela esku artean, eta ea zergatik berak bakarrik esaten zituen halako gauzak... eta abar. Egia esan, batzar haren ondoren Markosen sinesgarritasuna eta ospea are gehiago kaskartu ziren eta jende gutxik agurtzen zuen. Inori ez zaio norberaren soroetan bele beltzen etorreraren berri entzutea gustatzen eta hori dela eta, Markosenganako mesfidantzak handitu egin ziren. Negu hura bereziki latza eta gogorra izan zen eta Markos pozik zegoen ez baitzuen sumatzen eztul latzaz gain ezer berezirik eta izua eta beldurra moteltzen joan ziren bere baitan. Jarraitu zuen bere komertzio bide motzak burutzen neguan sakanan zehar, Zalduondotik kanpo, baina dagoeneko beste goitizen baten jabe zen inguruetan: “Bele”. Eta Burgoseko merkatariek jarritakoak baino min gehiago egiten zion bere kideenak. Belea bera? Abisua pasatzeagatik? Gertatzen ari zenaren berri emateagatik? Ba belea batzutan erroi bihurtzen da eta beldurgarriagoa bilaka daiteke, esan zuen ahopeka, bere mandoei tiraka, Zalduondoko biltegian sartzen zen une berean. – Beleak, segidan putreak dakartza! Zuek bai putre galantak –zioen Markosek. Izurrite Beltza, beroa nahiago bere lana egiteko eta dirudienez neguan lotan egon zen, baina udaberria iritsi bezain laster hasi zen kolpatzen sakana. Gaur kasu bi Gazeon, beste hamar Agurainen, beste bost Zalduondon... izua hasi zen bere bidea jorratzen, jendearen ezikusiarenaz trufatuz. Markos gero eta gutxiago ateratzen zen bere etxetik, Herio bere gorputzean ernaldu baitzen udaberria naturan lehertzen den bezala eta sintoma guztiak zituen: zornazorroak nonahi, mantxak gero eta ageriago eta sukarra eta eztula bortitzago une batetik bestera. Berak ez zekiena zera zen, herritarrek erruduntzat jotzen zutela, berak ekarri baitzuen madarikazioaren lehen berria Zalduondora eta mendeku bila ari zirela, izurritearen kontra zer egin jakin ez, baina norbaitek ordaindu behar zuela egunetik egunera Herio segalariak mozten zuen bizitza andana hura. Berak, Markos, Markitos, Belea, izan behar zuen eskaini beharrekoa, ea horrela asetzen zen Herio aseezinaren txikizio hura. Herritar koadrila bat ezustean sartu zen bere etxean plazara eramateko asmoz. – Gurekin etorri behar duzu Bele zahar hori. Zu zara izurritea ekarri duena. – Zuekin plazara? Zertara? Ezjakin malapartatuak! Nik abisua eman eta orain erruduna naiz? Zuen lurra zulatzen eta ozta-ozta hazienda mantentzen ez dakizuen kankailu galantak zarete zuek. Probak mutur aurretik pasatu arren ikusten ez dakizuen ezjakin galantak!! Hori da zuen ordaina abisua pasatzeagatik? – Abisua ez! Mehatxua, madarikazioa, hori da zuk ekarri duzuna eta horregatik epaitu nahi zaitugu. – Ni epaitu? Ezta pentsatu ere!! Zer ote naiz ba zuen ustez, aztia? Denon artean erruduntzat jo eta sutara bota nahi duzuen bele beltza? Ezzzzz, ni ez noa zuekin eta norbait ausartzen bada etor bedi neure bila eta eskua emango diot: Kar, kar, kar... Eta algara zoroari ekin zion Markitosek, tarteka eztul zoroak birikak lehertzen zizkion bitartean, eta erdi erotuta, sukarretan blai, behin eta berriro esaldi bera errepikatuz: – Etor bedi eta eskua emango diot......Bai! etor zaitezte. Eta bere sukarretan alkondara urratu eta gorputza erakutsi zien. Herritarrek atzera egin zuten, beldurtuta, Markitosen gorputza ikusita. Dena orbanez eta zornazorroz zein ultzeraz beterik zegoen eta beraiengana hurbiltzen hasi zen. “Belea erroi bihurtu da, belea erroi bihurtu da”, errepikatuz etengabe... Hura ikustean denak korrika atera eta atea itxi zuten kanpotik. Erdi aztoratuta zeuden eta ausartenak, eroenak, sua piztu eta ozenki oihukatu zuen: aztiak eta izurritea sutara, aztiak eta izurritea sutara, Markitos sutara, Markitos erre dezagun!!... Eta eromen kolektibo hartan, eta Herioren aurpegi latzena Markitosen gorputzean ikusita, antzinako erritoak berpiztuz eta beldurrari ihesi egin nahiaz, tortxak jaurti zituzten Markitosen etxearen aurka, haren oihuak sutzarraren barnean aditzen ziren bitartean. Aurki bere etxeak suzi erraldoi bat zirudien eta batzuek diote bele handi bat, erroi bat, atera zela hegan Agurainerantz. 1564ko uda horretan, abuztuaren lehen egunean, Agurain izurriteak jota zegoen eta ehorzketak San Juan eta Santa Marian metatzearen poderioz eta barneari zerion kiratsa zela eta, elizetako ateak hormekin itxi behar izan zituzten. Egun horretan hiribilduak sua hartu eta erabat erraustuta gelditu zen. Kanta zaharrek diote hainbat gaixok sukarrak jota zeudenean behin eta berriro lelo bera errepikatzen zutela: belea, erroi... belea, erroi...belea, erroi. Juan Perez de Lazarraga Aguraindar idazle nobleak (1550-1605) bere poemetan Aguraingo erreketari buruzko pasarte hauek idazten ditu, beste askoren artean. Abuztu ilak egun bat kunpli zelarik oita jakizu su ori utza fortizik Salbaterragaz andiro enojadurik portaleetan komienzua arturik oita erre dau Jandoneanez kalterik.... ....zeren ez dago nork sokorridu jenterik zerren eozen izurriteaz urtenik ifini daue oita asko penarik komarkaetan ara balloa gizonik... ATORRAK Eta zin dagit, gaur hemen, Gades deitzen den herri honetatik ateratzen garen itsasontzi feniziar guztien izenean, ez dugula gure ibilbidearen berri emango eta sekretupean mantenduko dudala, heriotza zigorpean. Nik, Himilkon buruzagiak, horrela beteko dut eta betearaziko dut. Eta hau esanez urrats bat aitzinatu zen, berari begira zegoen sazerdote nagusiari men eginez. Halako bidaia garrantzitsuak eskaintza bat behar zuen, Baal jainko boteretsuak ibilbide hori babes zezan eta itzulera ziurta zedin. Bi gerlarik ume bat zekarten hiriaren muinoan zegoen harrizko aldarera. Izua, ezjakintasuna, bere begietan islatzen zen aldarean biluzik jarrita, bere garrasi ozenak eten zirenean sazerdote ahaltsu, gupidagabeak, laban sakratuaz eztarria moztu ondoren. Odolak borborka ihes egin zuen bere lepotik eta harri zeremoniala busti ondoren tantaka lurrera erori zen. – Baal jainkoa gustura gelditu da ume honen garrasiak entzuterakoan. Itsasora lagunok, bidaia ona eta emankorra izan dezazuela! –esan zuen ozenki sazerdoteak, esku batean laban odoltsua altxatzen zuelarik Baal jainkoaren omenez. Gadesen portutik egun bat berantago itsasontzi eskuadra bat atera zen, merkatari eta gerlariz osatua. Gauloipor deituriko zamaontziak handiak ziren, 25 metro luze eta 7 zabalekoak. Branka zaldi-buru batek apaintzen zuen eta alboetan bi begi erraldoi, itsasontziak bidea igarri eta etsaiengan izua zabal zezaten. Popatik gertu zubia, soto, sukalde eta babeserako eraikia eta erdi-erdian masta nagusia oihalarekin. Merkatariak babestuko zituzten guda-itsasontziak arinagoak, luzeagoak, arraunlari eta gerlariz josita zeuden. Brankan, brontzezko ontzi-muturra, etsaiaren kroskoa zulatzeko prest. Hiru zamaontzi eta sei gerlaontzi denetara. – Erne lagunok! Bidaia berri honetatik gure hiri eta hiritarrentzat bide eta altxor berriak ekarri behar ditugu fenizioen ospea are handiagoa izan dadin, orain eta gero. – Hala bedi Himilkon! Betirako Himilkon!! –oihukatu zuten fenizio guztiek. Eta eskuadra osoa atera zen Gadesetik, zamaontzi bakoitza bi gerlaontziz inguratua zihoalarik, bata aurrean eta bestea atzean. Haizea alde zuten eta aprobetxatu beharra zegoen. Iberiar penintsulako kostaldeari jarraiki, gaur egungo Portugaleri alegia, aurreko beste espedizio batzuetan egin bezala, tarteka beraien hainbat kolonietan gelditu, berriak jaso, hornitu eta aurrera eginez, ekin zioten bidaiari. Dena bare zegoen bai itsaso zein kolonietan eta inongo iskanbilarik ez zuten antzeman lehen zati horretan, kostaldetik zein itsasotik, halako eskuadra indartsu bat ikusita inor ez baitzen ausartuko aurre egitera. Himilkon gerla-ontzi boteretsuenean zihoan, jainkoak alde zituela sumatuz, Euritemenes bere laguna hurbildu zitzaionean: – Himilkon, jauna, dena ondo doa? Gaur ilargi betea dugu eta dena gure alde dagoenaren sentsazioak betetzen nau. Bidaia hau emankorra izango delakoan nago. – Bai, Euritemenes lagun handia, bidaia asko egin ditugu elkarrekin eta gertatuak gertatu arren beti onik itzuli gara Gadesera, geure herrira, eta orain ere hala izatea espero dut. – Dena den, zerbait gordeta duzu bidaia honetan. Jakin dezaket norantz goazen? Itsasontzi gehiegi daramatzagu leku bakar batera joateko. Noiz bananduko da eskuadra? – Azkarra zara, inoiz ez dizut ziririk sartu ahal izan. Bai halaxe da. Casiterides1 deituriko lurretara joango da eskuadraren zati handiena, kostaldeak ekialderantz egiten duenean, gu eta beste bi itsasontziak bide eta komertzio berrien bila goazen bitartean. Horra hor dakidan guztia lagun. Iparralderantz etenik gabe zihoan kostalde hark halako batean ekialdera jotzeko imintzioa egin zuen itsaso gero eta bortitzago baten altzoan, eta une horretan Himilkonek bere bi gerlaontzi eta zamaontziarekin kostaldeko bideari ekin zion, bide ezezagun, eta hango haize bortitz zein olatu erasokorrak ikusita, arriskutsuari jarraiki. Nekeza zen itsaso hartan aurrera egitea baina Baal jainkoari egindako eskaintzari esker bere babesa jasoko zutelakoan zeuden nahiz eta aspalditik berritu ez eta haren beldur izan. Itsasoan barna harrotasunez sartzen zen lurmutur erraldoia antzeman zuten, kaioz beteriko uharte batek brankatik doi-doi bere profila erakusten zuen une berean, eta derrepente, itsaso apetatsu eta bortitz hura, beste itsasontziak agurtu zuteneko unetik ia bakean utzi ez zituena, beltza baino beltzagoa jartzen ari zen beraien aurrean, ordura arte inoiz ikusi ez zuten hodeiez josiriko barren beltza erakutsiz. Ogoño lurmuturra desagertzen ari zen amen batean eta erabaki bat hartu beharra zegoen enbata baitzetorkien gainera tximistaren pare. Uhartetik kostalderantz ibai baten bokalea antzemateko beta eman zien ozta-ozta, lehen olatu erraldoiak hiru itsasontziak bere tripetan harrapatu zituen une berean. – Ababorrera!!! –oihukatu zuen Himilkonen ontziko pilotuak, urak zubia bortizki garbitzen zuen bitartean. Beste biak maniobra berdina egiten saiatu ziren enbataren erdian murgilduta zeudenean. Arraunlari esklaboek inoiz baino indartsuago eragin zioten arraunei, bere bizitza jokoan zegoela nabarmena baitzen. Alferrik ordea, olatu erraldoiek kostaldera bultzatu eta halako batean lurraren zartada ontziaren kroskoan sumatu baitzuten. Baal jainko laguna deabru bihurtu zen ur arrotz haietan eta beraien babeslekua zen ohiko itsasotik kanpo jaurti zituen, lur ezezagunen zulo beltzera, gupidarik gabe. Ez zen giro enbata ostean, ingurune hartan. Gerlaontzi bat eta zamaontzia txikiarraio zeuden harkaitzetan, eta bestea, nagusiena, hondartza batean trabes sartuta bere luzeraren erdiraino. Panorama penagarria hor nonbait Himilkonek begi-bistan zuena. – Tira! Goazen beste ontzietako lagunen bila, gure beharrean egongo dira eta. – Euritemenes! prestatu talde armatu bat eta goazen azkar harantz. Pilotua ardura dadila gure ontziaren egoera aztertzen eta bueltan hitz egingo dugu. Beste guztiek kanpaleku bat presta dezatela hondartza inguruan eta su erraldoi bat piztu gaua hurbiltzen ari baita eta agian norbaitek horrela gidatzerik izango du, galduta badabil. Arin! Goazen agudo!– eta bere armadura ondo tenkatu eta armaz eta sokaz hornitu ondoren oihuka ari zirenlagunengana abiatu ziren. Egoera tamalgarria izan zen feniziarrentzat eta beraien bi ontziak ia ezerezean gelditu ziren. Gizon gehienak itsasoak eraman zituen eta harkaitzetan, hautsita, anabasa ikaragarrian, ez hanka eta ez buru ontzien hondakinak. – Ez, horrek ez du axola! –errepikatzen zuen behin eta berriro Himilkonek–. Ontziek ez dute axola!! Neure erruagatik ia espedizio osoa arriskuan jarri dut Baal jainkoari eskaintza berririk ez egiteagatik. Baina nola egingo nion ba, Itsaso zakar eta lainotsu honek ez badit kostaldea gaur arte ikusten utzi!! Ez dut sekula halakorik ikusi. Itsaso zital madarikatua!! Madarikatzen zaitut zu eta zure olatuek bustitzen duten lur hau! !–, eta horrela jarraitzen zuen enbata hark egindako txikizioa ikusten zuen bakoitzean. – Jauna, 40 gizon denetara, horietarik 14 esklabo 5 merkatari eta besteak gerlariak gu barne. – Sazerdoterik ez?– galdetu zuen buruzagiak. – Ez jauna. Denak hil dira. Himilkonek eten bat egin zuen bizirik zeuden guztien aurrean zera esanez: – Gaizki kontatu duzu Euritemenes, ez dira 14 esklabo 13 baizik, zeren oraintxe bertan egin behar baitiogu eskaintza berri bat Baal jainkoari haren amorrua guregana berriro iraul ez dadin. Eta izua zabaldu zen esklaboen begietan, jakin baitzekiten ez zutela inongo baliorik feniziarrentzat eta kasu honetan ez zuten hartuko ohi bezala ahulena, indartsuena, gazteena baizik, Baal jainko krudelaren odol gosea asetzeko. Beraien errituala betetzen zuten bitartean, sastraka artean begi batzuk zelatan zeuzkaten, txintik atera gabe, harrituta ikusten ari zirenagatik, ulertu ezinik, hondartza hartan –egungo Mundakako hondartza hartan– gertatzen ari zen guztiarekin. Berehala gaua enbor-hotsez bete zen, hots errepikakor, neurtu, lehorrak, ekaineko solstizioan ia Mundakako inguru guztia betetzen zuten hots magikoez. Feniziarrak Baalekiko erritual odoltsua bete ondoren, gaua hodeiez hustu eta izarrez betetzen ari zela konturatu ziren, hain justu enbor hots haiek isiltzean, eta ibaiaren bestaldian, suak han-hemenka barreiatuak ageri ziren, zein baino zein handiago. Orduan, bat-batean, izar iheskorren antzera garrasi luze bat, irrintzi bat, entzun zuten eta feniziarren bihotzak zimurtu egin ziren une batez. Hurrengo goizean Mundakako hondartza hartan eraiki zuten behin behineko kanpalekua, gerlariz inguratuta zegoen. Feniziar zaindariak konturatu orduko gertatu zen, istant batean, erreakzionatzeko betarik gabe. Haietariko batek adar bat hurbildu zuen ahora eta burua altxatuz soinu ozen bat jaurtiki zuen zerurantz, ibaiadar guztiak oihartzun egin zuelarik. Himilkon berehala altxatu eta hondartzak mendiarekin egiten zuen mugarantz abiatuz, inguratuta zeuzkaten gudarien begien xerkan aritu zen buruzagiaren bila. Feniziarren artetik urrats bat aurreratu eta lehena jarri zen, bere merkatari trebeenari deitzen zion bitartean. Hark biribilkatutako oihal eta kutxa batzuk lurrean jarri eta zuhurtasunez zabaldu zituen. Feniziarrek bere bidaietan, tratuetarako eramaten ohi zituzten erakusgaiak ziren: anfora batzuk olio eta ardoarekin, feniziarrei izena eman zien molusku batez tindatutako oihal dotoreak, lurrin potoak, harribitxiak, burdina, eztainua, zilarra eta koloretako marmolak. Hori egin ondoren, merkatariak atzera egin eta Himilkonek besoak zabalduz, adeitasunezko keinu batez eskaintza egin zien bisitariei, lur horretako gudariei. – Bisitariak! Ni Himilkon feniziarra nauzue eta gure Jainko Baalen haserreak ekarri gaitu zuen lur hauetara, gure itsasontziak hondatu eta jendea heriotzara eramanez. Halabeharrez gaude hemen baina gure izatea merkataritzan datza, ez dugu besterik nahi, elkarrenganako mesedegarria izan daitekeena besterik ez dugu bilatzen. Zuek hala nahi baduzue elkar ezagutu, gure itsasontzia konpondu eta alde egingo dugu –eta hori esanez atzera egin zuen–. Tentsioa antzematen zen euskaldunen artean, jakin baitzekiten gauean haietariko bat hil eta odolustu egin zutela garrasien artean, harkaitz baten gainean. Inork ez zuen ezer esaten eta bi aldeetako gerlarien eskuek geroz eta gogorrago heltzen zioten bere ezpata-buru eta brokel zein arkuei, zer egin jakin gabe. Orduan euskaldunen artetik bat hondartzara jaitsi zen bere gerlariek arkuak tenkatzen zituzten bitartean... Eskainitako oihalak arakatu, burua altxatu eta esan zuen: – Ni Xemein nauzue, euskaldun hauen buruzagia eta hau gure amalurra da, Urdaibai du izena eta eskertzen dizuegu zuen eskaintza. Nabarmena da atzoko enbatak ekarri zaituztela zuen gogoaren kontra seguruenez, edota patuak bidalita, gure hondartzetara. Boteretsua izango da zuen herria halako ontziekin itsaso beltzean sartzeko bertako piztien ahotan erori gabe, baina boteretsua bezain krudela dirudi, bart egin zenuten odolezko eskaintza horrek erakusten duen bezala. Adeitasunez jokatuko dugu bakoitzaren mugak errespetatuz eta zuen ontzia konpontzean, alde egin beharko duzue hemendik, zuen odolez zikindu baituzue gure amalurra– eta mimika erabiliz, beraien itsasontzia eta odolez tindatutako harkaitza seinalatu ondoren esandakoa adierazten saiatu zen Xemein. Gudarien arteko batzuk hurbildu eta ura eta janaria utzi zuten hondartzan artilezko larruen gainean. Xemeinek arrotzek ekarritako marmol bat hartu zuen eskuetan eta bizpahiru aldiz behatu zuen bere zorroan sartu aurretik. Gero feniziar merkataria berriro ere eskaintzetara hurbildu eta erakustaldi bat egin zuen, gauza bakoitzaren balioa adierazi nahian. Bitxia zen pertsona hau, beste arrotzen artean ezberdinena, oihal zuri batek goitik behera estaltzen zuen, baita burua ere eta bibote beltz batek margotzen zuen bere aurpegia kontraste bitxi bat sortuz zuritasun harekin. Merkataria Xemeinen begirada kuriosoaz ohartu eta oihala ukituz atorra, hitza esan zuen: atorra! Xemeinek errepikatu zuen: atorra, atorra. – Jatorra dirudi –esan zuen bere kolkorako– eta ezpata hartuz, hondarrean marrazki bat egin zuen non itsasontzia eta hondartzaren muga agertzen ziren. Gero, zirkulu zabal bat eginez, ehiza eta egurra lortzeko eskaintzen zieten esparru librea gehituz. Bi buruzagiek marrazkia begiratu ondoren, adostasun keinu bat egin, alde biko eskaintzak jaso eta batzuk basoan desagertu ziren besteak hondartzan itsasontzia erreparatzeko lanari ekiten zioten bitartean. – Baal jainkoak emandako zigorrak agian beste alde argiago bat izango du. Beharbada, gure espedizioarentzat zerbait interesgarria egon daitekeelako bidali gaitu lur hauetara –zioen Himilkon buruzagiak egun neketsu baten ostean, loak harrapatu aurretik, atsedena hartzen ari zenean–. Baina bai zera! Ez zirudien gerlari haiek aldian zeramaten tresneria zein janzkeragatik, eta zer esanik ez, egindako eskaintzengatik ezer baliotsurik erakusteko aukera edo gogoa zutenik. Hurrengo goizean euskaldunen bigarren bisita izan zuten, gerlari gutxiagorekin oraingo honetan, nabarmena baitzen itsasontziaren berreskuratze lanetan zintzo zebiltzala eta ez zirudien atorren asmoa Urdaibaiko lurretan gelditzea zenik. Xemein eta Himilkon euren gerlari batzuen begiradapean aurrez aurre eseri ziren. Lehenak bere zorrotik bi harri atera zituen: bata, bezperan atorrak emandako marmola eta bestea, hura baino gorriago eta distiratsuagoa zirudiena, berea. Berehala Himilkonek merkatariari deitu zion, erakutsitakoa azter zezan. Atorraren harriduraz eta haien arteko elkarrizketaz ohartu zen Xemein. Baliotsua izango ote Urdaibaiko bestaldean, Santimamiñe ondoko Ereñozarre deituriko ingurunean, erruz aurkitzen zen harri mota hura? Atorra altxatu eta mimikaz, ea... non? Non ote zegoen harri gorri-distiratsu hura? ... Xemeinek, feniziarrek bezperan eskaini oihala zabaldu eta lurrean jarri zuen. Hutsik zegoen eta hura nolabait bete behar zuten, armaz kasu horretan. Arrotzen armak landuagoak ziren, sendoagoak, erakargarriagoak eta arma bakoitzetik pieza bat jarri zieten. Etorri bezala alde egin zuten euskaldunek, isiltasunean, atorren galderari erantzunik eman gabe, momentuz. Goizero ehiza uzten zieten hondartzan. Bazirudien ez zutela nahi atorrak denbora gehiegi galtzea, itsasontziaren konponketan ez bazen eta isiltasunezko itun bat bezala gauzatu zen haien artean. Euskaldunek ehiza eta ura ekarri eta atorrek lanean jarraitzen zuten. Hondoratutako beste bietatik baliatutako egur zein materialekin, lortu zuten hondartuta zegoen gerlaontzia berreraikitzea. Orain arazoa hondarretatik ateratzean zetzan. Urdaibai itsasadarra eta bere inguru zoragarriak itsasoaren eta ilargiaren marearen dantzaren arabera antolatzen zuen egunen joan-etorria eta bertan duela milaka urte bizi ziren euskaldunena, nola ez. Horregatik, biztanle haientzat garrantzitsua zen ahalik eta gehien jakitea mundu urdin eta ezezagun haren gorabeherez eta hari etekina ateratzeko teknikei buruz. Euskaldun haien arrantza, ibaikoa zen, nahiko oinarrizkoa, marea behera aprobetxatuz sarez zein sardeaz egindakoa. Itsasoa eta bere apeta guztiek beldurra eta errespetu ikaragarria sortzen zieten eta berarengana hurbiltzeko ausardia ez zen ia planteatu ere egiten haien buruetan; baina, orain, atorren etorrerarekin mundu berri bat eskura antzeman zezaketen. Hasiera batean ezkutuan, baina konfiantza handituz zihoan neurrian, kanpalekuan bertan, ontziaren konponketaren inguruko gorabeherak aztertzen aritu ziren euskaldun batzuk, prozedura ulertu nahian edo, jakin-minez. Beti hiruko berbera zen adi-adi zegoena eta ezagunak ziren jada marinelen artean. Matxuratutako ontziaren itsasoratzeari konponbidea bilatu aurretik, euskaldunek beste zerbait egiteko asmoa zuten. Ontzi txikiak egiteko eta menderatzeko teknika ikasi nahi zuten eta horren truke Ereñuzarreko harri gorriaren kokapena erakusteko prest zeuden. Marrazkiz zein keinuz, hori guztia adierazten saiatu ziren eta hala-nolako adostasun batera iritsi ondoren espedizioa antolatu zuten. Mundakako hondartzatik, Oka ibaia igaro zitekeen guneraino eta handik marmola zegoen lekuraino, azkar ibiliz gero, egun bateko ibilbidea zuten joan-etorrian, aurrena Urdaibairen ertzetik, eta Oka zeharkatu ondoren, aldapan gora, Santimamiñe koba sakratuaren aurretik pasatuz. Arin ibili behar zuten udako solstizioak egunari ematen zion luzapen aparta profitatuz. Feniziarren aldetik Himilkon, merkataria, eta sei gerlari zihoazen eta euskaldunen aldetik Xemein eta beste sei. Bidea segurua zen eta azken boladan ez zegoen gatazkarik Oka ibaiaren buruan zeuden haranetako beste leinuekin. Bake garaiak ziren. Ibilaldiari ekin zioten basoa zeharkatzen zuen bidexka batetik, itsaso hurbilaren kresala ezpainetan sumatuz. Aste bat igaro ondoren bazegoen gutxieneko konfiantza bi herrien artean, inork ez baitzituen hautsi ezarritako mugak eta tratua errespetuzkoa izan baitzen bi aldeetatik. Airean berriro ere ekaitz ostean entzundako enbor-hots bera dantzatzen zen errepikakor, erritmikoa, zerbait adierazi nahian. Eguerdirako iritsi ziren Oka ibaia zeharkatzerik zegoen gunera eta han zeuzkaten itxoiten beste sei gerlari. Azken egunotan oso zabaldua zen atorren etorrera eta denek ezagutu nahi zituzten, beraien armak, arropak, itxura ikusteko. Itsasoak erditutako gizakiak aurrez aurre izatean saiatu ziren bere begietan gordeta zeuzkaten itsas irudi eta bizipenen isla txiki bat, magia hori, bereganatzen. Ibai ertzetik Ereñuzarreko harri gorrietaraino aldapa zorrotz bati ekin behar zioten eta Santimamiñe momentuz alde batera utzi, agian itzuleran ikusteko. Inguru hartara iristean aurrez aurre ikaragarrizko pareta gorria ikusi zuten eta lurrean barreiaturik ekaitzak edota berezko lur mugimenduak zirela medio askatutako xafla galantak, gorriak, distiratsuak. Atorrak harrobirantz jaitsi eta han egon ziren berriketan paretari begira, zati batzuk hartu ondoren itzultzeko. Irribarretsu zeuden. Eguzkiak zegoeneko ortziaren ibilbide gehiena burutua zuen eta gainbehera zihoan. Euskaldunak atorren urduritasunaz konturatu eta itzulerari ekin zioten. Kresal usaina zekarren itsasoko haizeak, Urdaibain barrena zabalduz eta ingurune horrek behin eta berriro gogoratzen zien bertakoei itsasoa eta ura zirela jaun eta jabe. Horregatik atorrak ontziak egiten erakutsi beharko zieten alde egin aurretik. Itzuleran beste norabide bati lotu zitzaion taldea eta euskaldunen presentzia gero eta ugariagoa zen bidezidor batetik hasi ziren mendian behera. Koba baten ahora iritsi ziren jende andana baten artean eta hitz berbera errepikatzen zuten irribarretsu arrotz haiek ikustean: atorra, atorra... Feniziarrek harrituta, irribarrea itzuli eta bere taldeko euskaldunei so egiten zieten erantzun baten bila edo. Hauek gertaeraren egoeraz jabetuta eskua bizkar gainean jarri eta lasaitzen saiatzen ziren. Gaua erortzear zegoen eta bazirudien bertan harrapatu behar zituela, kanpalekura iristeko aukerarik gabe. Urduritasuna zabaltzen hasi zen feniziarren artean, haitzulo hartan hainbeste jendez inguratuta edozer gerta zitekeen eta. Beraiekin zihoazenek armak kobazulo kanpoan utzi eta gauza bera egitera gonbidatu zituzten, adeitasunez, atorren beldurra eta mesfidantza uxatu nahian edo. Ez zuten beste aukerarik, eta garbi zegoen armak utzi edo ez erabat salduta zeudela balizko segada baten aurrean. Elkarri begiratu eta men egin zuten. Xemein eta beste buruzagi batzuk ziren nagusi sarreran piztutako sutzar baten inguruko eleketan. Haiekin batera emakume talde bat edabe batzuk banatzen ari zen denen artean. Kobaren txoko batean txalapartaren soinua, ekaitzaren ostean eta bidaiaren hasieran entzundako soinu bera, espazio guztia betetzen hasten zelarik. Edabea beraiengana iristean urrup egin eta gero, bai beso bai zangoetan ukendu likits bat igurtzi zieten emakume haiek irribarretsu. Oraindik mesfidantzaz, arropen artean zeramaten hainbat laban ukitzen zituzten badaezpadako erasoaldi bati erantzuteko prest, baina hasierako tentsioa lausotzen hasia zen edabe zein ukenduaren poderioz seguruenez, eta suaren inguruko dantza erritual baten, ikusle izatetik partaide izatera pasatu ziren, adar antzeko zein txalaparta soinuen besoetan eroriz. Bat-batean musika eten eta emakume bat jarri zen zirkuluaren erdian beraiek seinalatuz: Atorrak, atorrak... eta konturatu orduko buruetan irudi-andana batek korritu zuen: Gades, bidaia, ekaitza, euskaldunak, Ereñuzarreko harri gorria, beraien itsasontzia, beste bi txikiagoak eta Izaro uhartea urrutian, kostaldeko Matxitxako lurmuturreko sutzarraren argitasunpean. Eta irudipen horren ondoren berriro ere kobazuloa, emakume hori eta dantza sutzarraren inguruan. Feniziar guztiek elkarri begiratu eta harridura beraren mende zeudela ohartu ziren. Arnasa sakon hartu eta suari begira jarraitu zuten. Halako batean batzuk kobazulotik lasterka atera eta botaka hasi ziren, tripak leher zorian, beste batzuk lurrera ziplo, koban bertan, erortzen ziren bitartean. Ez zen inor zutik geratu. Hurrengo goizean egunsentiarekin batera itzartu eta ajeari aurre egin nahian edo ura edaten hasi ziren. Ez zegoen inor koban, eta sabaia bera ere ez zegoen kearen kedarrez zikinduta. Dena amets bat izan ote? Leizearen iluntasunetik kanpoko argitasunera atera bezain laster, beraien euskal bidelagunak zain zeuzkaten itzulerari ekiteko prest. – Herri basatia dirudi baina magia indartsuaren jabe dira. Sekula ez dut halako sentsaziorik izan eta ez naiz bakarra nire taldean. Denok irudipen bera izan dugu, seguruenez drogaren eraginez, baina gure herriko edozein droga baino indartsuagoa da hau edo bestela botere bereziak izango zituen beraien sorginak, zirkuluaren erdian jarri zenak. Merkataria hurbildu zitzaion, erdi zorabiatua hura ere: – Himilkon, ikusitakoak ikusita, herri boteretsu baten aurrean gaudela dirudi, ez dira basati hutsak eta konturatu bazara gure itsasontzia berreraikitzen ari ginenean han geneuzkan haietariko hiru begira etengabe. – Haien buruzagiak egindako marrazkiaren arabera itsasontzi bat eraikitzeko teknika erakuts diezaiegun nahi dute eta gure legeen kontra doa hori, badakizu zein den zigorra Himilkon! – Bai, badakit baina haiek ez dute nahi itsasontzi handirik, aski izango dute ibai honetan gora eta behera ibiltzeko adina den ontzitxo bat, eta horrela gure teknikak ez dira haien eskuetan eroriko. Hori edo hemen gelditzea betirako, ez itsasontzirik eta ez leporik, beharbada. Oso harri baliotsuaren kokapena erakutsi digute eta horrek nire ustez merezi du ontzi ziztrin bat eraikitzea, ez duzu uste? Merkatariak onartu zuen buruzagiak proposatutakoa, azken batean eraikiko zuten erdipurdiko txalupa urte baten bueltan ibai hondoan egongo zen eta berarekin feniziarren sekretu hori ere. – Atorra hauek kultura indartsu baten jabe dira baina konturatu dira dagoeneko gureak baduela beste erabateko indarra, seguruenez beraien magia baino boteretsuagoa. Pentsatu nahi dut guretzat hain balio gutxikoa den harri gorri horren truke ontzien teknika erakutsiko digutela, baita ongi erakutsi ere, eta berriro noizbait etortzen direnerako, egindako hori hobetzeko gai izango garela beraien harridurarako. – Nola eraiki eta nola menderatu izango dira baldintzak harri gorria hemendik eraman ahal izateko. Gure herriak Urdaibai ingurune aberats honi ahalik eta etekin handiena ateratzeko giltza izango dira atorrak –zioen Xemeinek–. Mundakara iritsi bezain laster feniziarrak hondartzara jaitsi eta harri gorriaren aurkikuntza zein kobazuloan bizi izandakoa kontatu zuten. Hala ere bi arazo zeuzkaten gutxienez esku artean. Alde batetik, konpondutako ontzia itsasoratzea eta seguruenez euskaldunek lehentasuna emango ziotena: txalupa baten eraikitze eta menderatze teknikak erakustea. Euskaldunek euren hirukotea jarri zuten lanean atorrekin batera eta hamar egunen bueltan bazituzten bi ontzi itxuroso masta eta guzti, itsasoratzeko prest. Orain ibaian gora eta behera ibili beharra zegoen haien oreka probatu eta euskaldunek ezagutzen ez zituzten sentsazio berriak eta beldurrak uxatzeko. Zorabioa eta oreka eza ziren nagusi euskal marinel estreinatu berriengan baina halere egun batzuen buruan bereganatu zituzten oinarrizko teknikak. Ontzi berriak ateratzen ziren bakoitzean, harkaitzak euskaldunez betetzen ziren eta dena zen zurrumurrua, barrea eta harridura. Bertan aritzen ziren marinel berriak, atorrak kenduta, munduko trebeenak sentitzen ziren eta zegoeneko trebe xamarrak bilakatu ziren. Horrela uste! – Heldu da gure gerlaontzia itsasoratzeko tenorea eta horrela adierazi behar diot euskaldunen buruzagiari. Badugu geure herrira itzultzeko eta pare bat gauza adosteko beharra –esan zuen Himilkonek–. – Zeintzuk? –erantzun zion merkatariak–. – Bat, geure ontzia itsasoratzen laguntzea eta bi, harri gorri gehiago eskuratzeko saiakera egin nahi dugula geure ontziarekin, baina ibaiaren puntu batera iritsitakoan beraiei eraikitakoak erabili beharko ditugula azaleko ur horietan materiala garraiatzeko. Horrela bidaia luzexeago bat egiteko aukera izango dute beraien “marinelek” –eta hitz hori esatean barrez lehertu egin zen– beraientzat hitz horrek pisu handia zuelako, hainbestetan zeharkatzen zuten ur sakon eta arriskutsuak emandakoa alegia, eta euskaldun haien urak zein ontziak azalekoak besterik ez ziren. Bi hilabeteren buruan, elkar ulertzeko oinarrizko hiztegi baten jabe ziren eta beren asmoak aditzera eman ondoren hurrengo egunean bazeuzkaten hondartzan zaldi indartsuak eta hainbat enbor, ontzia gainean jarri ondoren irristatzeko prest. Ez ziren ez motelak euskaldun hauek, azkar ikasten zuten, azkarregi! ! Marea beheran enborrak trabes ezarri zituzten eta zaldiekin ontziaren txopari heldutako soka sendoak erabiliz, tenkatu eta tiraka hasi ziren denen artean marea gorarekin batera zetozen olatu berriei begira bultzatuz. Hainbat olaturen ostean, ontzia ibaiaren bokalean orekatzea lortu zuten eta poliki-poliki eraikitako bi ontzi txikiak profitatuz bai gizonak bai kanpalekuko hornidura ontziratzen hasi ziren euskaldunen laguntzarekin. Hurrengo egunean dena prest zegoen marmol gorriaren bila joateko. Itsasadarra berriro txalaparta soinuz bete zen eta nonahi ikus zitezkeen euskaldun taldeak ibilbidean gaindi begira, ikuskizuna ezohikoa eta ikusgarria baitzen eta ez zuten sarritan halako ontzi aparta ikusteko aukerarik izango Urdaibain barna, bere oihalak puztuta, brankan erronka egiten zuen zaldi burua bidea irekiz eta alboetan bi begi erraldoi bortitzak edonor desafiatuz, ez, halakorik ez zuten berriro ikusiko luzaroan. Ontziaren erdialdean altxatzen zen dorretxoan, gerlari dotoreak zelatan zeuden, aurrerago, atorra zuriz jantzita, atorrak, bai, euskaldun haientzat hain deigarriak izan ziren atorrek, norabidea markatzen zuten itsasadarrean gora, marmol gorriaren bila, eta ontzi nagusiaren aurretik, euskaldunentzat eta euskaldunekin eraikitako ontzi txikiak, bi eserleku eta masta batekoak, arin-arinak haizearen bultzadapean, nahiz eta bertan zihoazen euskaldunek lema geroz eta hobeto maneiatu, sorginkeri horren aurrean edozein jainko baino boteretsu zein urduriago, uraren azala urratuz. Ontzi nagusiak aurki gelditu behar izan zuen, nahiko sakonera ez zuten uretara iritsi aurretik, eta beste biek egin behar izan zituzten pare bat itzuli, zegoeneko Ereñozarretik Oka ibaiaren ertz batera ekarri eta metatutako marmol gorria garraiatzeko. Herri bakoitzak hartutako akordioak bete ziren eta esan beharra dago haien arteko harremana zuzena izateaz gain lagunartekoa bilakatu zela udako solstizioan, halabeharrez, lurra hartu eta bi hilabete beranduago ilargi betearekin Urdaibaiko itsasadarra utzi behar izan zuten arte. Gaua zen, baina ilargi potoloaren argia eguzkiarena baino egokiagoa zen feniziar haientzat itsasoratzeko eta agurtzerakoan Xemeinek azken eskaera egin zien atorrei. Goitik behera zuriz jantzitako merkatariaren atorra opari ziezaietela, haien etorrera gogoratzeko eta ospatzeko asmoz. Halaxe izan zen eta Himilkonek lehendik hitzartutako beste betebehar bat gogoratu zion euskaldunen buruzagiari: Udako Solstizioaren ospakizunean bai Ogoñon zein Matxitxakoko lurmuturretan sutzarrak piztu zitzatela astebetez, beraien itsasontziek egingo zituzten bidaietan ikusi ahal izateko, haien arteko harremanak sendotzeko asmoz. Xemeinek eta Himilkonek elkar besarkatu ondoren, bi ontzi txikiek atzetik jarraitu zioten ama-ontziari, atorren ontziari. Ilargiak zilarrezko dirdira ematen zion ontziak utzitako uberari, Mundakako mugaraino, momentuz hura baitzen euskal marinel berrien itsas-muga, baina ez luzarorako. Ikusi arte Atorrak! HOU, PITXU, HOU! Bedatsian Bedatsian dirade zühainak loratzen Udan ekhiarekin bazterrak berotzen Larrazkenian aldiz egünak laburtzen Negian haize hotza hezürretan sartzen. Neguan haize hotza hezurretan sartzen eta Donegoiti herrixkako teilatuak estalitako arbelaitz beltz-distiratsuetan elur-malutak pausatzen dira kantoi aparta honetan. Oihana goitik eta bortu ederrak lainoetan barna galduak alde batetik eta erreka zalapartatsu, malkartsua beste magaletik, inguratzen eta osatzen zituzten Xiberoko herrixka ttipi haren bizitzaren esparruak. Bizitza eta naturak beraien aroetan etengabeko gurpilari eraginez, inguru miresgarri zein bortitz hau aunitz kolorez margotzen dute etengabe, bertako bizidunen gogoak ere dantza horren partaide direlarik, eta oraindik ere, bazter hauetan Maxkarada hitza ezaguna ez zenean, hainbat pasarte gertatu ohi ziren, ikurra betirako utziko zutenak, delako antzezpen erritual horretan. Itzal luze bat, ez pagoena, makurtzen zen oihan barrenean ia lurrari zizelkaturik, zerbaiten esperoan, ehizaren zain. – Egun osoa daramat jan gabe, beste kaütera alproja horiek auskalo non galduta, erbi hori harrapatu nahian, neure tripak ezin baitu gehiago itxaron. Urratsak jarraitu ditut erbitxo maitea, badakit zure bidea, izango zara nerea. Ja ja ja... – Hou, Pitxu, Hou!! !– oihuak eztanda egin zuen oihanean, hain juxtu Pitxuna delakoak erbi harrituaren gainean jauzi egiten zuen une berean... – Eta kale! Kale egin dut kaütera nazkante hauen erruz. Epelak entzun beharko dituzte, bai alafede, gaurko bazkaria uxatu ez didate ba!... Non zarete? Astapito halakoak? Egun osoa oihanean galduta eta orain hain xuxen agertu behar kalapitaka? Kankailu potrosoak! – Zaude lasai Pitxu gaztea, zaude! Zer da erbi bat baso miresgarri honek eskaintzen dizkigun aukera aparta guztien aurrean? Hori ez da deus, zer nahi duzu, jatea, maitia? Tori bizkotxa zoragarri hau......kar, kar, kar. Eta Kabana handiak aurpegian lehertu zion gorotz fresko bat, ongi igurtziz, beste kaütera guztien isekarako. – Nazkanteak! Bai nazkante malapartatuak, gazteena naiz baina ez lerdoa! Zuekin egotea baino hobe gizaki bihurtzea! Izango da haien artean norbait nor- malagoa, bai, banoa, utikan kaüterak! Utikan, –esanez, Pitxuk alde egin zuen lauhazkan pagadian gaindi desagertu arte. – Bai zoaz gizakiengana eta jasoko duzu bizkarreko beroa, aurpegian duzun gorotza baino beroagoa, zure hezurren sufrikarioaaa, zoazzzzzzz... Eta lurrean, bedatsearen etorrera zela eta urtzen ari ziren azken elurretan biribilkatu ziren Kabana, Pupu eta Fritu kaüterak gorputz iletsuak bustiz, algararen poderioz letagin eta otso muturraren ezpain-ertzetatik adurra zerien bitartean. Donegoitiko herria zaintzen zuen dorretxe xumearen gezileihotik beha, duela gutxi hildako jaunaren premu gaztea zegoen, Jaun Beltza goitizenez, txikitatik famatua zen bere gaiztakeriarengatik, nahiz aita zenak urrutiegi joaten ez utzi bere eginkizunetan. Baina orain haren lokarriak hautsiak ziren eta Jaun Beltz gaztearen apetak eusteko mugarik ez zen. Emakumeekiko desira, borrokarako grina, herritarrekiko mespretxua eta bere gogoaren azken zokoan herriko esamesetan entzundako istorio baten sukar amaiezina: Betirako bizitza! Betirako bizitza! – Aterako dut, bai, han edo hemen aterako diot jendeari nola eskuratu betirako bizitza zaldi zuria harrapatu ondoren. Buhameek, ijito nazkante eta kalapitatsu horiek, zerbaiten berri izango dute bai. Buhame handiarekin mintzatu beharra daukat, berandu baino lehen, herri malapartatu honetatik alde egiteko baina Jaun Beltz boteretsu eta hilezina bezala, mugarik gabekoa. Eta hori esanez, kapa beltza jantzi eta zaldiz atera zen gaztelutik Buhameen kanpalekurantz. Baso eta herritik gertu zuten kanpalekua buhameek eta bizpahiru etxola ziztrinetan bizi ziren, erdi-erdian beroa eta argia zerion sutzarraren babesean. Kedarrez zikinduak, janzkera koloretsua, ibilera baldarra eta hizkera zaratatsuaren jabe ziren. Ezer gehiagorik ez eta maizago zeuden Donegoiti herriko kale zein etxe zokoetan bueltaka zerbait zorroztu edo konpontzearen aitzakiaz, etxoletan baino. – Buhame handia! Zaldi baten hots lasterrak aditzen ditut, erreka ondoko bidetik honantz! Zein ausartuko da gure “herrira” etortzen ordu txikietan? –zioen barrez buhame lodiak... – Ero bat derrigor, txintik gabe geldituko dena, ez zaldi ez ezer, hor ondoko leizean bere tripa ustelak arrak gizentzeko bazka, besterik ez! Kar, kar, kar ....Prest segadarako! Abisatu beste buhameak! Zaldunak pausoa moteldu zuen sutzarraren eremura iristean eta kapusai beltza aurpegitik kendu ondoren balezta eta ezpata erakutsi zituen, zera esanez: – Ni erasotzeko prest zaudeten Buhame nazkagarriok. Jakin ezazue nor nauzuen: Donegoitiko Jaun Beltzaren semea naiz, eta zuek ere nire lurretan izanik ez zarete ni akabatzeko adorearen jabe ezta gutxiagorik ere, eta gainera tratu baten bila etorri naiz. Bai, zuekin tratu bat egin nahi dut... Atera zaitezte kalamidadeak!! ! – Tratu bat? Tratu bat esan duzu “Jaun Beltx”? –esanez atera zen arrapaladan, sastraka artetik. – Bai, halaxe da Buhame Handia.Tratu bat zuekin! ! – Zer tratu? – Pitxu delakoa bilatu behar duzue oihanean barna eta berak gidaturik, bortu gorenetan larrean ei dagoen zaldi zuria ekarri behar didazue errekan goiti daukadan ehizarako etxolara. – Hori besterik ez “Jaun Beltxa”? Eta guk zer irabaziko dugu horren truke? – Urrea buhame madarikatuok, urrea... edo Donegoiti eta bere inguruetatik ostikoka kanporatzea. Astebete duzue esandakoa betetzeko edo gogor hartuko zaituztet! Aio buhameak eta gogoratu! Hurrengoan ez naiz bakarrik etorriko, beraz bete tratua! ! Buhameak hala-moduzko ehiztariak ziren, ez onak baina bai sarraskigileak, modu batean edo bestean, xederarekin edo ehiza modu krudelean burutzen iaioak. Noizbehinka ez gizaki ez abere diren halako piztiak harrapatzen zituzten eta horregatik bazekiten, oihanean bazirela kaüterak deiturikoak, negu gorrian beste otsoen taldeekin batera herrietara jaisten zirenak bazka bila, edozein bazka bila. Herritarrek gorrotoa eta beldurra zieten Gauekoren seme madarikatu horiei. Haietariko gazteena bilatu behar zuten, Pitxu deitzen ohi zutena, besteak arriskutsuagoak baitziren, makurragoak. Elurretan iragan neguan antzemandako urrats berri batzuk zirela medio bazekiten, kaütera gazte bat bazegoela, eta interesgarriena, taldetik aparte gehienetan. – Zaldi zuria? Zertarako nahiko du Jaun horrek bortuetan larrean dagoen zaldi zuri aparta? Zer atera dezake haren atzematearekin? Hau kuxidadea! Hainbeste zaldi goxo bere ukuiluetan eta zuria nahi. Zein apetatsuak diren gizaki hauek! Eta gainera buhame basati eta ezaxolati hauengana etorri halako zaldi berezi bat harrapatzeko. Ezgauza diren hauek, oilo txepel bat harrapatzeko gai ez dira eta! !. Buhamen kanpalekuaren mugetatik alde egin bezain laster, orbelaz gainezka zegoen lurrak behera egin eta ez lur ez elur, zulo baten barrenean zegoen harriaren kontra jo eta konortea galdu zuen gure Pitxu kuxkuxeroak. Hurrengo egunean buhame lodia, trebeena, Donegoitira joan zen bera ez baitzegoen basoko malkar haietan gora eta behera ibiltzeko prest. Nahiago zuen pertz batzuk konpondu eta labanak zorroztu oilo zahar baten truke, gaueko lapikoak zerbait itxurosoa izan zezan. Donegoiti herrixka, Jaun zaharra hil zenetik, egunetik egunera okerrera zihoan, nabarmena zen kaleen zabarkerian, baserrietako harrera txarretan eta herritarren esamesetan. – Jauna hil denetik ez dugu atarramentu onik! Gazte honek bere gaztelua besterik ez du begi artean, hura dotoretu eta soldadu gehiago hartu babesteko. Babesteko? Non dago arriskua ba? Bera ez besterik ez baita arriskuan jartzen ari dena herri honen bizi iraupena eta bost axola gure miseria eta beharrak. Martxa honetan gureak egin du! Ezin diegu luzaroan eutsi bere eskaerei, oraindik ere udaberrian gauden honetan... Gaur ere ez zen izango azken egunetako hoztasunaren segida baizik, eta buhameak zerbait irabazi ondoren kanpalekurako bideari ekin zion kantari, ozenki, bere ahots zartatu eta zaratatsuarekin beste kideek bera eta ez beste inor zela ohar dantzan zitezen. Zalaparta dena den, kanpalekuan zebilen baita ere. – Zer, zer dugu Buhame Handia? Zer berri? – Zer berri diozu? Berririk onenak, sinesgaitzak! Gaur goizean kanpaleku inguruan ditugun tranpetariko batean ez dugu aurkitu ba kaütera bat!! Hain zuzen guk behar dugun kaütera gazteena, Pitxu alproja kuxkuxeroa, aspalditik gure inguruak miatzen zebilena, arrastoak nonahi utzirik, eta azkenean erori da, inuzente hori! ! – Bai Buhame handia! Baina beste batzuetan ere harrapatu izan ditugu kaüterak eta zergatik da hau hain berezia? Eh? – Lodia bezain ergela zara Buhame gizen hori!! Astebete genuen Pitxu atzeman eta zaldi zuriaren xerka joateko, eta hara non Pitxu bera erortzen den gure segadan!!! !Ez al duzu ikusten? Berak badaki beste kaüterak bezala oihanean, zein bere inguruko bortu eta larreetan dabilen lau hankatako janariaren gora behera guztiak, bera izango da gure gidaria, eta berari esker atzemango dugu zaldi zuria, eta horren truke urrea eta agian leku bat Jaun Beltxaren gaztelupean. Ikusten, ergela? – Eta zuk uste Pitxuk esango digula non dagoen? – Bai lodikote!! Bere izatea berez kuxkuxeroa da eta utzitako urratsengatik badakigu aspaldi honetan bere taldetik aldenduta dabilela, auskalo zergatik, gauza berriak ezagutu nahian edo. Bere jakin-minak hondamena ekarriko dio noizbait, seguru nago. – Ene Buhame handia! Handia eta azkarra zara benetan! Gaztelu horretako Jauna zu zeu izan behar zinen Buhame. Oh Buhame aparta!Kanta bat merezi duzu. Itxoin pixka bat eta kanta zoragarri bat sortuko dut zuretzat munduan zehar zeure abilezia ezagut dadin. Itxoin pixka bat! ! Buhame handia dugu eta adimentsu! Jaun Beltxak egin dio halako enkargu Zazpi egun baino lehen zaldi zuria aizu. Ekarri behar didazu bestela akabu! ! Eta horretarako Behar duzu Pitxu! Behar duzu Pitxu! Behar duzu Pitxu! – Aski da! Aski da! Isil zaitez bestela kaütera guztiek gure asmoen berri izango dute! Eta hori al da ni famatuko nauen abestia? Zoaz etxolak garbitzera, Buhame lodikotea!– eta ostiko bat emanez bultzaka eta irainka bidali zuen aldamenetik. Orduan Pitxu lotuta zeukaten zokora hurbildu eta elkarrizketari ekin zion: – Pitxu ez otso ez gizon lagun hori. Horrela dei zaitzaket? – Buhame, inongo arbola ez zaren hori, bai urde eta bai zerri, zergatik atxiki nauzu, kedar nazkagarri horrek? – Aski da! Ez dugu irainka jarraitu nahi, biontzat zeregin garrantzitsuago bat baitugu esku artean. Biok ongi betetzen badugu gure lana mesedegarria izango da denontzat. Gizakiek ez zaituzte akabatuko eta ardikia noiznahi izango duzu eskura inorekin konpartitu gabe. – Bai? Segur zaude? Eta zer dela eta halako tratu berezia? Zikiroen faltan zuek jango zaituztegulakoaren beldur edo? Kar,kar, kar... – Ez, ergel hori!Bortuetako zaldi zuria harrapatu eta Jaun Beltxari eramatea besterik ez da. Zer deritzozu? – Zaldi zuria? Baina hori sakratua da! Zer egin nahi du berarekin? Horrelakorik ezin da egin! – Zer sakratu eta zer akatu? Zuek ere herritarrentzat Gauekoren zerbitzariak omen... eta begira! Hemen zaude lotuta.Tira, zurekin edo zu gabe atzemango dugu. Ezezkoa bada, zureak oraintxe bertan egin du, eta Buhame Handiak ezpata altxatu zuen kaütera gaztearen buru iletsuaren gainean, haren begiek ezpataren sorbatza distiratsuari izuz jarraitzen zioten bitartean. – Bai ala ez Pitxu? Kaütera bati ze axola zaio zer egingo dion gizaki batek zaldi bati? Bai ala ez? Pitxuk otso muturra zimurtu zuen letaginak erakutsiz eta men egin zien Buhameari eta haren mehatxuari. Lagunduko zien bortu goretan Zamaltzainak zaldiak, zaldi miresgarriak, zaintzen zituen etxolaraino. Hurrengo egunean ekin zioten basoan barrena bidezidorretan zehar bortuetarantz, lau buhameak eta kaütera gazteak. Muturra sokaz lotuta zeraman eta eskuak ere, ez baitziren haren erreakzioaz fio. Sokaz ongi horniturik zihoazen harrapakin berezi hura ongi lotuta eraman asmoz. Gainera, buhametariko batek zaldiak ongi baino hobeto ezagutzen zituen, bai tratutan ibiltzeko zein otzantzeko, onean zein txarrean. Pitxuk txintxo-txintxo markatzen zuen bidea eta ilunabarrerako begi bistan zeukaten kobazulo antzeko bat non berezko gordeleku baten barnean Zamaltzain mitikoak, inork ordura arte ikusi gabekoak, gauean bere zaldi miresgarriak gordetzen baitzituen. Urduritasuna, esparrura hurbildu ahala handitzen zihoan eta bidean egindako kanta eta zalaparta guztiak fitean desagertu ziren. Inor ez zen oraindik Zamaltzainaren larretara iritsi, ezta artzainik ausartena ere. Larre eta zaldi haiek ba omen zuten zerbait magikoa, zerbait berezia eta Zamaltzain zaindariak, agian Gauekoren menekoak, baita ere. – Tentuz ibili beharko dugu baina dena den sineskeria hauek ez gaitzatela beldurtu, buhame lagunak!! Kaüterak ere basoko pizti ikaragarriak omen, eta hara non gai garen segadan harrapatzeko noiznahi. Zergatik izan behar dira ezberdinak zaldi hauek? Erne Zamaltzainarekin. Gaua denean harrapatuko dugu zuria eta goizalderako, onean edo txarrean gurekin eramango dugu. Zer axola zaio zaldi bat gehiago edo gutxiago? Gainera guk ere baditugu gure belar miresgarriak abereak otzantzeko, ez al da hala buhameak? Bai, halaxe zen eta harrizko esparrua osatzen zuen zirkulu hartako askan, belar batzuk bota ondoren, buhamea bere lagunak gordeta zeuden harkaitzetara bueltatu zen. Pixka bat itxoin eta zaldiak otzan baino otzanagoak izango ziren. Zaldi ederrak ziren zinez, baina denen artean distiratsuena, zuria zen. Zoragarriena zen eta adats luzeak airean kiribiltzen zitzaizkion, urduritasunean trosta laburrak burutzen zituen bakoitzean. Zamaltzain birritan edo ikusi zuten zaldiengana hurbiltzen eta izaki handia, handiegia zirudien gauza onerako. Gainera haren begiek, noizbehinka, buhameak zeuden leku hartan arreta jartzen zuten, distira berezia, misteriotsua jaurtiz. – Tira, ordua da –esan zuen Buhame txikiak–. Belarrek bere lana egin dute. Zaldiak lasai antzean daude. Ikusten duzue? Eta erraldoiak ere denbora luzea darama kobazuloan. Tentu handiz hurbildu eta zuriari gustuko fruitu hauek eskaini ondoren soka lepotik pasa eta muturra lotuko diot. Zalapartaka hasten bada uxatu beste zaldiak Zamaltzainak piztien erasoa dela pentsa dezan. Konturatzerako urrutiegi izanen gara. Tira, goazen! ! Esan bezala egin zuten dena, baina Buhame handiak ez zuen dagoeneko Pitxuren beharrik, eta beste Buhameen dibertimendurako zera otu zitzaion: – Tira! Aska ezazue gure gizotsoa, zalaparta pixka bat egin dezan, Zamaltzainaren loaldia eten eta gure gozamenerako, kar, kar, kar! Begira Pitxu, zure lana bukatu da, pizti halakoa! Orain segurki gose izango zara, ez baituzu ezer jan azken bi egunotan eta! Gizajoa!!. Ahul xamarra zaude baina agian oraindik moteldutako zaldi horietako bat harrapatzeko balentria izango duzu, ezta? Kar, kar, kar. Tira! zoaz zaldikiaren bila, otsoko, zoaz eta eramaitzazu aurretik Zamaltzainaren larreetan gaindi. Zoaz hezur eta azal zaren txakur goseti hori! Zoaz!! Kar, kar, kar.– Eta algara batean lehertu ziren Buhameak, Pitxu maldan gora goseak xaxatuta eta haren zorabioaren noraezean itsu-itsuan bere heriotza izan zitekeen larretara, egunsentiaren lehen printzekin gerturatzen zen bitartean. Zaldien esparruan sartu zen jauzi batez eta ez zuen kontutan hartu belarren efektua iragana zela, zaldi beltzaren atzeko apatxen zeharkako ostiko batek bazterrera jaurti zuenean. – Hatx! Behin bai baina ez birritan! Zure bizkar gainera salto egiten dudanean ez zara hain harro agertuko zaldi beltx. Halere nire lagunen beharra izango dut zaldi eder hauek menderatu eta ehizatzeko. Eta ainuri luze bat eginez bere gizotso kaüterak erakartzen saiatu zen, zaldi guztiak arrapaladan bere aurretik ateratzen ziren bitartean, izua begietan. Zalapartak lagunak baino Zamaltzain indartsua erakarri zuen, haren zorigaiztorako. – Pitxu halakoa! Gazte gizotso kuxkuxeroa! Ez dituzu ongi ezagutzen nire zaldiak eta Zamaltzaina nauzun ni neu ere ez! Ez alafede! Eta eskuan zeraman zaldi-ilez egindako zurda luze bat airean astinduz tximista bat sortu zuen, eta gero beste bat eta beste bat, ortzia bere begi amorratuak baino beltzago jartzen zelarik. Zaldi guztiak bere Zamaltzainaren tximistak entzutean itzuli eta juxtu basotik Kabana eta beste kaüterak Pitxuren laguntzan zetozenean, elkarren ondoan jarri eta denek izaki bat osatu zuten, erdi zaldi erdi gizon, hots, Zamaltzain bera, Zamaltzain erraldoi, dotore eta beldurgarria era berean, eta ikuskizun haren aurrean izuak jota, buztana hanka artean, basoan sartu ziren kaütera gizotsoak, lau hanketan. – Zamaltzain nauzue kaüterak! Zamaltzain, gizaki oro! Erdi gizon, erdi zaldi, Xiberoko larreetako jainkoa, zaldien babeslea eta haien etsaien zigorra.Eraman duzuen zaldi zuria neure arimaren atal bat da eta berreskuratu beharra daukat bizirauteko osotasunean, orekan, Amalurrarekin. Non zaude zaldi zuri? Non zaude?– zioen amorrua, negarra eta ezina nahasturik eskuak zeru beltzerantz luzatu eta apatxekin lurra bortizki zapaltzen zuen bitartean. Goiko larretan sinestezinezko ikuskizun hori gertatzen ari zen bitartean buhameen kanpalekuan dena zen poza eta dantza, zaldi zuriarentzat ezik. Gauzak ongi atera ziren eta beraien ustez saria gertu zegoen, baina garaipenaren mozkorraldian, buhameak, nahiko anarkikoak berez, Jaun Beltzak esandakoa bete beharrean, beraien gustuko festa zalapartatsua gauzatzen ari ziren Buhame nagusiaren handinahia asetu nahirik, kontrolik gabeko amesgaizto baten pare. – Trebeak garela erakutsi dugu! Inor baino ausartagoak garela erakutsi dugu! Zamaltzain bera baino azkarragoak! Kaüterak baino gaiztoagoak! Jaun Beltzaren zerbitzari leialak!!! Kar, kar, kar. Nahiz eta guk inongo Jaunik onartu ez.... kar, kar, kar. Honen guztiaren berri ez al dute izan behar Donegoitiko herriak eta bertako herritar zintzoek? Baietz uste dut. Haiengandik, herritar “zintzo” horiengatik, guk buhameok jasandako mespretxu eta irainek gutxienez barkamen publiko bat merezi dute, gure balentria eta ausardiaren aurrean. Bai! Herriko alproja guztiak eta basoko kaüterak lagun ditugularik, Buhame handiaren aurrean eta guk harrapatutako zaldi zuriaren aurrean belaunikatu eta barkamena eskatu beharko digute, bestela herria bera txikituko dugu. Bai jaunak, hauxe da Buhame handiaren nahia eta Jaun Beltxari bere zalditxoa eman aitzina betearaziko dieguna. Zoazte buhame malapartatuak!! Zoazte eta ekar itzazue kanpalekura kaüterak, kherestuak, eta marexalak eta bide bazterretan aurkitzen dituzuen alproja eta lapur guztiak. Aurki, Donegoitiko herrian sartuko gara, Buhame handia zaldi zurian doalarik, errege baten pare bere armadarekin... kar, kar, kar, Zoazte alajaina!!!!! Kar, kar, kar. Buhame errege! ! Bai, buhameak joan ziren bere nagusiak esandako jende malapartatu guztiaren xerka, baina, buhameen artean beti dago aitzaki bat edo beste. Haietariko bat Jaun Beltxarengana hurbildu zen berria ematera horren truke zerbait hartuko zuelakoan, eta bai, jaso zuen afari eder bat soldaduekin batera eta bukatu ostean, ostiko bat gibelean eta mozkorraldiaren eraginez loaldi luze bat dorretxearen atzeko atean, euripean. Halaxe, Jaun Beltxak guztiaren berri izan ondoren bere burua ausart eta herritarren aldeko agertzeko prest zegoen, hurrengo egunetan, esan eta ikus zitezkeenak edozein unetan gezurtatu eta borrokatzeko parada bilatuz, eta hala edo nola zaldi zuria bere eskuetan atxikitzeko edozein aukera profitatuz. Iritsi ziren bazter guztietako alproja, behartsu eta kaüterak ere eta denek batera ardoz beteriko gau zoro batean adostu zuten herriko jaun berriak bilakatu eta txiki arraio utziko zutela Donegoiti eta Jaun Beltxa bera ere, hain ziren handiak mozkorraldiak emandako hegoak eta amets burugabeak. Esan eta sinetsi. Buhame errege! Buhame errege! zioten denek aho batez. Eta orgia honetan behin eta berriro kanta bera entzuten zen malapartatu guztien ahotik: Bühamiek badakie Trinkin-trunkun egiten Oiloino bat ebatsetan Altzopian gordetzen. Ai ürdia, ai ürdia Ürde, ürde handia Ai ürdia, ai ürdia Ürde bühame handia Bühameak erosi du Bi sosetan ogia Lagünari saldü dio Lau sosetan erdia. Ai ürdia, ai ürdia Ürde, ürde handia Ai ürdia, ai ürdia Ürde bühame handia. Hurrengo goizean, ajea errekako ur hotzetan baretu ondoren, martxan jarri zen inoiz sortu den kalapitazko sasi-armada: Buhame handia zaldi zuriaren gainean beste buhameez inguratuta, denak zalapartaka, kherestuak zaldiaren inguruan imintzioka zaldiaren koskabiloen bila, ezkerraldean ferratzaileak edo marixalarrak, Kabana, Pitxu eta beste kaüterak atzealdean builaka, ainurika, orroka, bufaka eta bukatzeko txingotekeri hura, bidelapurrak, eta zarpaila zen jende oro. Donegoiti begi bistan zuten. – Donegoitiko herritarrok! Jaun Beltxaren premua nauzue! Eta atzo esan bezala errekaren bestaldian, zubia igarotzeko prest, ikusi ahal duzue alprojaz osatutako gaizkileen talde hori gure herria menderatzeko asmoz! Ni Jaun Beltx berria, herria defendatzeko prest nauzue eta bide bazterrak halako jendailez garbitzeko ere. Herriko ate nagusia barrikadaz josi dugu eta seguruenez ez dute gaindituko! Baina gauza bat jakin behar duzue: zaldi zuri hori da haien indarra, hori uste baitute dela borroka irabazteko giltza eta horregatik harrapatu eta neure dorretxera eraman beharra dago, kosta ahala kosta, eta bai buhame eta kauterei, eskarmentu ederra eman behar diegu berriro halakorik egin ez dezaten. Herritarrok, dirudienez iritsi da eguna non aspaldiko partez, basoko eta goiko larreetako indar ilunek gure herria menderatu nahi duten. Eman diezaiegun, beldurrik gabe merezi duten tratua. Gizakia eta legea nagusiarazi behar ditugu, ezkutuko indarrek ez gaitzatela makurtu! Herritar guztiek bazekiten, ez ikusi arren, bazirela basoko eta larreetako espirituak eta urtetik urtera gertuago sumatzen zuten haien presentzia eta eragina.Bazirudien berandu baino lehen bi munduen arteko lehendabiziko talka hura gertatzear zegoela eta delako eguna iritsi zen. Kauteren itxura eta izaera basatiak beldurra eragiten zuen herritarren artean, eta zaldi zuriaren presentziak ere egoneza sortzen zuen, urduritasuna. Baina buhame malapartatu haiek bi mundu horietako izakiekin batera bazetozen elkar hartuta, eta beharbada haien botereak ez ziren hainbesterako izango. Aurre egin beharra zegoen. – Donegoitiko herritarrak! Buhame eta Kabana Handia gaituzue! Urtetan zuen mespretxua jasan dugu non “buruzagiak”, –eta bere baitan barre egiten zuen–. Oraintsu, buhameok goiko larretako zaldi zuria harrapatu eta otzandu dugu eta gurekin batera ikus dezakezuenez, basoko gizotsoak ditugu, kaüterak! Hemendik aurrera zuen herriko nagusiak izango gaituzue eta halaxe zerbitzatu beharrean egongo zarete, nahi ta nahi ez. Bestela zuenak egin du eta baita zuen Jauntxo ziztrin horrenak ere. Bai hor, herritarren atzean, gurekin ezkutuko tratuetan ibili ondoren auskalo zer maltzurkeriak prestatzen ari den jauntxo horretaz mintzo natzaizue. Jauntxo Beltxa baino Jauntxo Iluna deituko nioke neronek. Non zaude? Jendartetik bere soldaduz ondo inguratuta zaldian aurrera egin zuen urrats batzuk Buhame handiari zera esateko: – Nik zuekin ez dut inongo traturik egin, ez orain ez inoiz! Gezurtiekin zertan ibili? Eta gainera zuek zer izan dezakezue nire gustuko? Utikan parodiaren buru zaren hori! Bi gauza egin behar dituzue onik ateratzeko ataka honetatik: bata, zuen taldea desegin eta bakoitza bere zulora itzuli; eta bestea, egindako mehatxu eta laido honen ordainetan zaldi zuria eman. Eta... Orduan Pitxu gazteak moztu zion: – Hemen ez dago laidorik, gezurti halakoa! Zuk eman zenien buhameei nire laguntzaz zaldi zuria harrapatzeko agindua, auskalo zer gaiztakeri burutzeko!hau ez baita zaldi arrunt bat, Zamaltzainaren zaldi kuttunena baizik, eta ulertuko duzunez, edo gure eskaera betetzen duzue edo aurrerantzean ez da bakerik izango herri honetan eta basoetako piztiok zuen barrunbeak hartuko ditugu afaritzat. Hau esan bezain laster kaüteren taldeak barrikada gainetik sekulako jauzi batez igaro eta herritarren aurka oldartu ziren otso amorratuak bezala. Jaun Beltxak, berak ere, ezusteko eraso horren aurrean, atzera egin zuen une batez, babesik gabe gelditu baitzen beltzen taldea barrikada handik eta hemendik zeharkatu nahian zebilen bitartean. Herritarrak lehen eraso bortitz horren aurrean atzeraka ari ziren eta une horretan bi arkularik aldez aurretik prestatutako segadan geziak jaurti zituzten Buhame handia eta Pitxuren aitzi. Biak bete betean harrapatu eta lurrera erori ziren lepoa zulatuta. Zaldi zuria bakarrik gelditu zen plaza erdian hara eta hona, soldadu baten eskuak bere brida hartu eta bertatik aldendu zuen arte. Beltzen taldeak hori ikustean, bat-bateko adore hura galdu eta atzeraka egin zuen, barrikadatik at eginez herritarrak eta hainbat soldadu bortizki jazartzen zituzten bitartean. Ate nagusitik erreka zeharkatzen zuen zubirainoko bidea hilotzez beterik zegoen, Donegoitiko herritarrek bere lehen gudaldiaren garaipena ozenki ospatzen zuten bitartean, inor ez zen konturatu zaldi zuriaren nondik norakoaz. Jaun Beltza eta bi gudarik ezkutuko etxola batera eraman zuten dena baretzen zen bitartean. Basoan inork antzeman ez zituen begi gorriak hura guztia behatzen ari ziren. Jaun Beltzak bere hitza bete zuen bazterrak jendaila horretaz libratuz, horrela zioen berak, eta putre, bele eta beste piztiek lan galanta izan zuten hurrengo egunetan hezurrak zuritzen. Aldi baterako, ongi erabilitako aitzakiz, jauntxoarentzat eta hainbat herritarrentzat desatsegin edo arriskutsuak zirenak desagerrarazi zituzten. “Aitzakia zaharrak, indarkeria berriak”. Pitxuren eta Buhame Handiaren gorpuen edo gorpuzkinen bila iluntasunean, Gauekoren babesean, etorri ziren beraien akolitoak, lehena oihanean barna eta bestea bide bazter batean lurperatzeko asmoz: “Urak dakarrena urak daroa” esanez. Amalurrak noizbait, modu batean edo bestean berpiztuko zituelakoan edo, betirako loaldirik ez baitago, esaten zuen buhame batek, eta “naturak beti heriotzatik bizitza sortzen baitu” erantzuten zuen kaütera batek. Ezkutuko etxola hartan zeuden bi gudariak aspertzen hasiak ziren, gertatutako barrikada haustearen ondoren, bakarrik igarotzen ari baitziren egunen joan etorria, gero eta urduriago zegoen zaldi zuriaren irrintzien pean. – Gaur etorri behar du Jaun Beltzak, ezta? – Hala izango ote bestela hemendik alde egiteko gogoa ematen du eta. – Gabon gudariak! Hor zaudete? Jaun Beltza nauzue! Dena ongi al dago? –esan zuen bat-batean agertutako zaldun misteriotsuak–. – Bai dena ongi jauna! –erantzun zuen batek urduritasunez–. – Aparteko zerbait bai? Ezusteko bisitaren bat edo? – Basoko piztiak ere ez dira hurbiltzen etxolara. Bitxia da! Badirudi zerbaitek beldurtzen dituela. – Zuen presentzia izango da. Kar, kar, kar, edonor beldurtzeko piura baituzue! Tira unea iritsi da eta zuek partaide izango zarete zeremonia honetan. Zaldi zuria hil behar dugu eta gero, zatitu ondoren, duela aste bete prestatuta dugun egur-meta horretara bota eta sua eman. – Baina jakin daiteke zertarako egon garen egunak eta egunak hemen sartuta, orain zaldi eder hau akatu eta sutara botatzeko? – Begira soldaduok. Zaldi hori espiritu gaizto baten jabe da eta bera bezalako beste batzuk erakar ez ditzan egin behar dugu esandakoa. Erritual horretan nik bere odola edango dut, gero sua eman eta herrira bueltatuko gara. Han merezi duzuen saria izango duzue, jatordu ederrak eta emakume are ederragoak. – Beno ba, egin dezagun lehenbailehen eta joan gaitezen herrira. Hori esan eta ezpatak ateratzera zihoazenean basotik ezustean ateratako erdi gizon erdi zaldi erraldoi bat agertu zen eta lurrera bota zituen bi soldaduak. – Nik ez nuke halakorik egingo. Zaldi horrek bizirik iraun behar du denon mesederako eta ez da hilko zuen Jaun Beltzaren betirako bizitzaren mitoa asetzeko. Zer deritzozue? –esan zuen Zamaltzainek bere begi gorriak soldadu ikaratuenetan iltzatuz, irribarre maliziatsuarekin. – Hala bedi, zuk jakingo dituzu inork baino hobeto zaldiei buruzko gorabehera guztiak. Hori garbi daukagu! – Bai halaxe da. Zoazte! Gertatu behar denak ez du zerikusirik zuekin. Zuen jauntxoaren eta nire arteko kontu garbiketa da eta ez duzue ikusiko nahi seguruenez, ezta? – Halaxe da, bai bete betean asmatu duzu! Sentitzen dugu jauna baina zuen arteko kontua omen. Guk ez dugu hemen ezer erabakitzen dirudienez. Eta hori esanez, Zamaltzain erraldoiaren begiradapean joan ziren bidezidorrean behera. – Urde halakoak, koldarrak!! Horrela ordaintzen didazue... – Isil zaitez, Jaun Beltza. Hau gure zeregina da eta hemen amaituko da dena. Zuk nire arimaren zatirik garrantzitsuena den zaldi zuria erail nahi zenuen gau honetan bere odola edan ondoren betirako bizitza eskuratzeko asmoz. Odol horrengatik are gehiago isuri duzu mesederako eta gaur gaueko asmo zital hori burutu izan balitz betirako boterea izango zenukeen eta ziur naiz ez zela izango inoren mesederako. Hori esan ondoren ziztu egin eta etxolatik zaldi zuria atera zen Zamaltzainaren ondoan jartzeko, eta elkarri begiratuz biek bat egin zuten argi distira boteretsu baten erdian. – Ez dut deus ikusten, ez dut deus ikusten! –oihukatu zuen Jaun Beltzak–. Zure tximista horrek itsutu egin nau, Zamaltzain madarikatu horrek, itsutu egin nauzu! ! – Itsua? lehendik ere itsua bazinen, zeure burua baizik ez baitzenuen ikusten. Zeure handinahia, zeure boterea, besterik ez. Eta betirako bizitza hainbeste desiratzen duzunez, desira hori betetzeko aukera emango dizut, orain bai. Zu izango zara, Jaun Beltza, gauero etengabe, mendeak joan mendeak etorri, bortuz bortu, Xiberoko mendizerrak zaldi beltz baten gainean zamalkatuz zeharkatuko dituzuna, madarikazioaren menpe biziko zaren zaldun itsua, ez baituzu merezi nondik nora ibiliko zaren ikustea ere. Hala bedi! Eta harrezkero, bortuetan, gau izartsuetan, ikusi ohi da irudi iheskor bat, zaldun antzeko bat Xiberoko bortuak ximixtaren pare korritzen, gizotso batzuk atzetik jarraiki dituelarik. Jaun Beltza ote? Oharrak [←1] Gaur egungo Britainia Handia.
AURKIBIDEA HITZAURREA SHAMPALMUREN GOIZALDEAK METAK TSERING LAINO ARTEAN ARROILARI BEGIRA LAMU, ZERRIZAKUR ETA OTSOZERRI PATHIREN BELARRIKO MINA JAUZIA LAKSUMEN IRRIBARREAREN ATSEDENA HITZAURREA Trekking bideetatik aldenduta Sukhetar sherpa herrixka Nepal ekialdean, Katchenjunga eta Makaluren mendilerroen artean, dago kokatua. 2.000 metro luzeko mendi magal luzeetan eskegia, sagar bat adarretik nola. Bertan bi aldiz egindako egonaldietan, egilea fokoetatik urrun dagoen mundu batera hurbildu da hiru urteko tartean, eta esperientzia horren emaitza dira 8 ipuinok. Entzutetik eta bizitzetik, sartzetik eta egotetik sortutako ipuinak dira, sentsazioak eta istorio biziak hurbiltzeko gogoz munduratuak. Zuriak “bestearen” baitara egindako saiakera, Sherpen artera jauzi egiteko letra bidezko gonbitea, haien ahots mediatikoki desagertuak gorpuzteko desioa, aurriritziak gainditzearen gaineko gogoeta. Mundu miragarri eta zigortu batera betaurrekoak kenduta eta biluzik murgiltzeko eskaintza. Sherpa Herria, XV. Mendean Tibetetik Himalaiaren hegoalderantz egin zuen tibetar jatorriko herria, goi-mendizaletasunaren ikur, tresna eta langile, burrunda mediatikoak aldi berean heroifikatu eta ukatu duen herria. 300.000 bat mila hiztun Nepalgo mendialdeko eta batzutan kontaktu zuzenik ez duten hainbat eskualdetan zabalduak. Himalaiaren kirol-konkistak betirako aldatu duen herria. Migrazioak gogor kolpatua, estatalizazioak eta mundu garaikideak arriskuan jarria, aldi berean migrazioan eta globalizazioan bizitza pertsonal eta kolektiboari eusteko baliabideak bilatzen dituen herria. Galtzen ari den mundu ikuskera propio baten jabe izaki, XXI. mendean eusteko inoiz baino gazteria globalagoa duen herria. Herri azpiratu guztien galderei erantzun behar dion herria. SHAMPALMUREN GOIZALDEAK Goizeko hirurak ziren. Uzta garaiko egun haietan ohikoa zenez, ohatzetik etxeko atarira jaitsi eta arroza xehatzeari ekin zion. Lan gogorra zen, mekanikoa, ordu luzez mugimendu berbera eskatzen zuena, makila-xehatzailea haizatuz egurrezko eltzean sartu-irtenak egitean zetzana, arroz aleak irina bihurtzeko ahalegin handia eskatzen zuena. Izerditan blai bukatzen zuen Shampalmuk sasoi hartako goizalde bakoitzean, klaseko atsedenaldietan euren betiko jolasean aritu ohi zirenean baino dezente bustiago. Jolasa eta laneko izerdiak ezin alderatu ordea. Are gutxiago uda sasoian egokitu ohi zitzaion goizaldeko lan hartako izerdi iluna, eguzkiak urrunean ageri zen Katchenjungaren ertzen atzetik, izpi lotsatiz, harana arrosatzeko oraindik ere bi ordu luze behar zituela, ilun beltza. Ahizpa nagusia izaki, bera zen etxeko lan gogorrenen zama zeramana, bigarren ahizpa Mi hurrena. Hurrenkera berebizikoa, harexek adierazten baizuen nork zer egin behar zuen egunean zehar herriko albaitariaren sendi ia aberats hartan. Goizeko hiruretako txikitze lanak: Shampalmuk. Goizeko seietako sukaldari lanak: Mik. Goizeko zazpietako jasotze lanak: Shampalmuk. Arratsaldeko bostetako afari prestatze lanak: Mik. Afariko zerbitzari lanak: Shampalmuk. Egunero-egunero. Gazteena zuten Tsiring mutil-koxkorrak ordea argi zuen zein zen bere tokia ilaran: patxadaz begiratzea. Eta arrazoia ez zen gaztetasuna, are nabarmenki etxeko jaun ttipia izatea. Etorkizuneko oinordekoa. Aita herriko alkate eta albaitariaren, herrixkan zegoen Nepaleko estatuko soldatapeko bakarra bera, begikoa eta babestua. Leku lasaia beti Tsiringek, goizaldeko xehatze, goizeko sukaldatze, eta egun osoko garbitze lanetatik at. Etxeko emakumeen lanetatik at, salbuespen bakarrarekin: etxeko ganbaran pilatutako milaka artaburuen bizar garbiketan denak bat. Herrikide zein senitartekoak ere zuritze lanetara gonbidatuak ziren etxea zapaldu bezain agudo, hori baizen hizketa-gunea arto-bizar lanak bukatu bitarteko garaian. Sherpa hizkuntzan gotortutako mintzatokia, ganbarako errege zen irratiaren baimenarekin, goizeko bostetatik aurrera nepaleraz etengabe bustitzen zuen-eta teilatupeko soto hura. Uzta garaian ganbara artaburuz bete orduko artabizarrak lehortu baino lehen egin beharreko jarduna zen eta zenbat eta esku gehiago, hobe, etxean aterpeturik zeukaten bisitari zuriarenak barne. Honek artaburu bat garbitu bitartean, sherpa familia hartako bakoitzak bost garbituak zituen. Abiada alde nabarmenak, zuriak gelakideen begiradetan sumatzen zituen hainbat zirikatze eta solas-molas sortzen zituena. Ama. Berezia ama. Jantzi dotorez atondutako emakume lirain eta tentea. Berea zen etxeko martxa senarra bailarako bufaloak zikiratzera, gaixotutako ardiak sendatzera, aldatsetan gora eta behera kilometroak egitera zein etxeko gazteria eskoletara (Tsiring herriko lehen hezkuntza eskolara, Shampalmu eta Mi bailarako bigarren hezkuntzako zentrora) abiatu orduko. Herriko auzokide txiroagoek, esaterako bere inguruko etxalde guztietako emakumeek, lanerako inoiz jantziko ez lituzketen sherpen soineko finekin ekiten zion egunari goizarekin batera, eta sukaldean, baratzean, animalien hertzeetan zein saltzaile lanetan berak hartzen zuen etxeko buruzagiaren tokia. Saltzaile lanetan ere bai, izan ere, etxe hura zen herriko denda bakarra: tabakoa, garagardoa eta kotxetako bateria arrunt batean egindako telefono mugikorren kargatzeak ziren herriko dendaren harreman komertzial ohikoenak. Raksia ere saltzen zuten, esan nahi baita etxean egindako graduazio ezin altuagoko arto eta arroz-edari gogorra, edonoren eztarria sutan jartzeko modukoa zena. Beraz, martxa etxekoandrearena, presarik gabekoa zein tai gabekoa. Hori bai, Mi eta Shampalmuk etxea zapaldu bezain laster, akabo bere martxa. Bi ahizpek erritmoa hartu eta ez zen gehiago ama ageri, afalorduan hiru harriko sutondoaren alboan lurrean, lastairan eseririk, inguruan bildutako sabel hiztun gosetutakoei (batzutan 5, gehienetan 7, hangoetan 10) eltzetik burruntzaliarekin arroza eta barazkiak banatzeko ez bazen. Etxeko lema berriz ahizpen eskuetan. Ez ordea afalosteko hitz-aspertuan sukaldean zeuden hizlarien artean haien etorria gailentzen zelako, isilik ematen baizuten oheratu arteko tartea. Etxeko jaun eta famili buruaren etorriak ez zuen uzten hutsune gehiegirik beste inortxok ezer esan zezan sugarrek itzal bizidunez margotutako lokatzezko horma haiek hetsiriko gela ketuan. Lehengusu Antharkerekin zituen solasaldi luzeenak, bakarrizketatik gehiago zutenak beste edozerenak baino. Bisitaririk bazen, hark ere izan ohi zuen zer esana gaueko aferan, betiere albaitariaren interbentzio parlamentario luzearen ondoren. Inoiz, Antharkeren parean eseri ohi zen bisitari zuriari zer edo zer galdetzen zion sasi-ingelesez, eta behin lehengusuaren itzulpen ulergarriagotik galbahetuta, hark erdi-hitz erdi-imintzioz erantzun ohi zion etxeko jaunari, normalean Antharkek parte hartu behar zuelarik esan-nahi gurutzaketan arrakasta gutxieneko bat egon zedin. Hauek ziren batere apaingarririk gabeko sukalde zutabedun epel hartan suaren bueltan ahotsa zuten aktoreak. Aktoresa bakarra ama, eta altxatu bai altxatzen zuela ahotsa sugarren pindarren gainetik, nagusiki janari banaketari zegokionean baina. “Baten batek arroza gehiago nahi?”, “txili bero bat janaria pasatzeko?”, “ez duzu ezer jaten Antharke, haserre nago zurekin” eta horrelakoak ziren bere partehartzeak. Gaueko afera ziren solasaldi luzeetan ez zen gehiago ageri. Han zetzan, txoko batean erdi-lo, ilunpearen babesean etxeko jaunaren begiak ez ziren beste guztietatik ihesi. Alabek euren aldetik, jardunean lema hartua izanagatik, oraindik ez zuten eltze-banaketa-kargua euren gain jasoa. Nerabezarotik gaztetasunerako jauzian zeuden, eta hortaz, jarduna bai, hizketarik ez. Sukaldea euren erresuma, aldi berean areto zapaldu gabea. Hura afaltiarrez mukuru bete orduko, bazterrean geratzen ziren, alboko gelaxka batera zeraman atearen ia erlaitzpean, Antharke, azal zuriko gonbidatu zein bertaratuko zen beste edozein lehengusu edo solaskideren begiradatik babesean. Hitzik ez. Ez bazen amari edo ahizpari txutxu-mutxuan belarrira ezingordekoren bat haizatzeko. Haien inguruan egon ohi zen anai gazteena, seina, bazterrean jarrita. Honek ere ez zuen gehiegi hitz egiten, ez bazen pikotxetan zegoela besoa luzatu eta amari arroza mendixka bat edo eguneko barazkiaren koilarakada sakon bat galdegiteko. Koxkortutako mutikoa baino ez zen Tsiring, eta isiltasunaren legeak baino, adinak zeraman afari eta afalostean urtu arte zukutzen ziren gizon-kontuetan ez nahastera. Mi eta Shampalmu, afalkideen azpilak hustu bezain laster, dena jaso eta desagertu egiten ziren. Gizonezkoentzat zen thumkba arroz-ardo beroa agertu orduko, Tsiring atzeko atetik auzoko lagunekin ilargi-azpiko gaiztakerietara abiatu, amak gizonen hitz-aspertuari bizkarra eman eta eurek biak alboko gelara etxeko lanak egitera sartzen ziren. Eta bestela, zuzenean ganbarara eguneko azken artabizarrak kentzera, eta handik zuzenean ohatzetara. Lipar hau izaten zuten bi ahizpek euren artean, loguraren besarkada arerio bakar, kontu-kontari aritzeko abagunea. Egun hartan Shampalmuk bisaia goibela zuen, eta Mik, nahiz eta egun osoan zehar igarri, gauera arte itxaron zuen nabaritu ziola iradokitzeko. “Zer Shampalmu, irakaslearen errietak hortxe dirau ala?” - ezaxola aurpegiaz. “Ez da ezer. Gaurkoan seko nekatuta nago. Eskolako aldatsean gora gentozela jada zuhaizpetara lotara sartzeko amorratzen nentorren” - gaiari heldu nahi izan gabe. “Tira ahizpatxo nagusi. Ondotxo ezagutzen zaitut ezohiko zerbait gogoan iltzaturik duzula ez igartzeko. Orain ez datoz klasekoak gurekin, ez gaude sukaldean, esaidazu zer den aurpegi-masailetan kolore ilun hori jarri dizuna” - Mik bazekien denbora gutxi zutela etxekoak gela-komunera igo bitartean, denek batera lo egiten baizuten etxean aterpeturik zuten zuriak salbu. Zuzenean sakatzea erabaki zuen, alajaina. “Ahituta nauka gure bizimoduak Mi” - hotz Shampalmuk. “Berriz ere kontu honekin ahizpatxo?” - Mik ahotsa igotzeari ezin eutsiz. “Bai, berriz ere ahizpatxo. Konturatzen zara ez dugula ezta ordu-erdi ere libre egun osoan zehar? Konturatzen zara etxe honetan guk baino gutxiago ez duela ezta etxaurreko hesietako zerramak lo egiten? Ez duzu ikusi nahi institutua bukatu bezain laster, edo aita-amaren esanei uko egin edo inguruetako beste herrixkaren batetako famili oneko mozolo batekin ezkonduko gaituztela eta ezingo dugula mendietatik atera? Ez al duzu ikusten gure patua idatzita dagoela eta ez dugula hautsi edo irentsi besterik gure muturren aurrean? Zer egingo duzu unea heltzen denean, Kathmandura ihes egin eta betiko agur esan gure etxeari, lagunei, herrixkari edo hor aurreko maldako herri horretako etxerik onenean zure hurrengo 50 urteak igaroko dituzula onartu? Ez iezadazu esan, ahizpatxo, ez zaizkizula erraiak goragalea sortzeraino kiribiltzen gainera datorkiguna ikusten duzun bakoitzean” - jaurtiki zuen jaurtiki beharrekoa herrixka maite baina kartzela lez ere bizi zuen Shampalmuk. “Badakizu zuk bezalaxe, berdin-berdin, pentsatzen dudala Shampalmu. Orain, ordea, etorkizunean ito beharrean hobe dugu dagokiguna egin, eta gero gerokoak. Zoriak, Budak eta gure arbasoek guretzat idatzirik zer duten ez dakigu. Eta ezin dugu jakin. Hobe ez bagara estutzen” - ttattarra eta makal xamarra bezain hotza eta sorra zen Mi. Lerdena, ama bezain ukitu aristokratikokoa eta ibilera dotorekoa zen Shampalmu ihardesten hasia zela, “Mi, zenbatetan hitz egin...”, aitak eskapulario budista balitz lez estu-estu gorputzari itsatsirik etxean gora eta behera ibiltzen zuen irratia entzun zen oholezko mailadietan gora. Supituan, mututasunean sartu zen neskatoa. Intimitatea zer zen ezagutu gabeko munduan, soinurik leunenaren oihartzunak markatzen zuen solasaldi sakonenen bukaera. Gabon Shampalmu eta Mi. Lotarako ordua heldu da. Zuen ama igo baino lehen hobe begiak ixten badituzue, badakizue nola jartzen den-eta lo egin beharrean zuek kalakan ikusita. Ez iezaiozue eman errietarako paradarik faborez, zalapartarik ez dugu behar. Are gutxiago beheko gelan zuri hori hemen dagoela. Hara, laztantxook, jarraituko duzue zuen kontutxoekin bihar eskolara bidean” - eta hori esanda, ganbara zabala argitzen zuen argi-pindar hitseko bonbilla bakarra amatatu eta irratia lagun, beti irratia lagun, bere ohatzean etzan zen etxeko jauna zen Tendi Vadour Sherpa. Ez ziren hamar minutu ere pasa, eta han igo ziren teilatupeko gelara Tsiring hanka-puntetan lehenengo, ama Kali gero, irratiaren eta Tendi albaitariaren kontra purrustaka. Irratia berehala isildu egin zen. Bederatziak jada joak. Ilun zen. Kanpoan ia gaueroko tartekako zaparradak teila gabeko xafla metalikoan jotzen zueneko burrunbak lotarako giroa erraztu egiten zuen. Gauerokoa izanik, lasaigarri. Teilatupeko ganbara, Sukhetar herriko etxe nagusiaren hiru solairuak, etxaurreko animaliak, auzuneko etxeak. Mendi magal osoa atsedenean. Bustita, blai, iluntasunari, lanbroari zein mendiko euri-jasa tropikalei amore emanez. Denak etzanak, dena etzana. Asalduretatik at. Karkaba eta latsen ur kantariak gaueko musikari bakarrak. Ia 4.000 metrotatik 200 metrotara luzatutako malda luze eta sakona bera lautada bihurtzeko moduko patxadaz lo denak, sherpen mundu garaia ia ibai zabaletako arroz-urmael amaigabeen geldotasunean sartzeraino. Zaparraden esku ilunpeko ordu geldoen erritmoa. Erauntsiak moteldu ahala, goiz-argia hurbilago. Laino hertsi astunak ireki eta hor azkorri arrosa, haranaren oholtzatik Katchenjungaren opari. Egunsenti koloretsua, fotogramaka ia igorria, ubel argian hasi eta laranjan bukatua, ganduen etsai, artasoroetan iltzaturiko lanbroen edergarri. Shampalmuk goizero-goizero gozatzen zuen gozokia berau. Gozatu orduko, ordea, bazeramatzan bi ordu egurrezko ontzian enborraz jo eta su, galbahera bidean, arto eta arrozari ia txinpartak atera arte ehotze lanetan. Lotan ari zirenei ametsen urratsak markatzen. Himalaiapeko oihan itxietako biztanle ezkutuei batetik bestera barneratzeko bidaia abiada biziz egin behar zutela oroitaraziz, euriaren besarkada ihes-ezinaz gain, banbuzko etxoletan beti zutelako loak ezin harturik zegoen lagunen bat aiduru. Birrindu eta birrindu, eman eta eman. Lan mekanikoa, musikaz betea, mugimendu erritmiko basatia, astuna eta bizia, zoroa eta galdua, luzea bezain latza. Zap-Zap-Zap. Gauero, ordu luzez. Oilarren polifoniak ortzia hautsi arte, perkusio zurtua, ariketa gautarra, elikaduraren mirabetza, alaba nagusi izatearen saria, gerri-sorbalda-besoen ballet derrigorrezkoa. Inoiz kexua adierazia zuen Shampalmuk, ahots goran sukaldean, aurrez aurrekoan, amari, aitari, amonari, ahizpari. Alferrik. Mugiezinak ziren famili arauak ez zeuden eztabaidatzeko. Alaba nagusia zen goiza arrosatu baino lehen birrinketa lanetara altxatzen zena, eta kito. Mik noiz edo noiz hartzen zion lekukoa gaueko lanetan, inoiz ahizpak eskatzen bazion, azterketaren bat bazeukan, bereziki nekatua bazegoen eta horrelakoetan. Haatik, Shampalmuren ardura legez zehaztua zegoen etxeko antolaketan, inork ezin zuelarik hori aldatu etxe hartako banbuzko habeak zutik zirauten bitartean. Ezin ukitu. Etxe hartan irratia sartu zenean, orduan bizirik zen Tendiren aitak, Dawa Namche Sherpa zaharrak, sherpen mundu jatorrizkoa hurbiletik ezagutu zuenak, bota zuen sententzia: “traste honekin gureak egin du. Bukatu dira ipuinak, sutondoko gaubelak, arto-bizar garbiketetako famili-kantu-kontuak. Infernuko zera horren zarata amorragarriak lehenengoz sartu ditu nepalerazko hitzak gure etxoletako banbu artera. Gureak egin du”. Iltzaturik zuen albaitariak aitaren esana. Irratia etxera bueltan Kathmandutik ekarri zuenean, piztu eta berehala aurpegiratu zion aitak euren munduaren akabera etxeko eskatzeraino ekarri izana. Ikasten zegoen hiriburuan, eta oparia zeraman etxera, inoiz ikusi gabeko gailu hark ahotsak nola haizatzen zituen ikus zezaten, musika berriekin goza zezaten. Aitak leporatu ziona ez zuen espero, eta orduko talka hark bere barnean zirauen. Eta haren jabe zenez, ez zuen tradizioari traizio gehiago egiteko batere asmorik. Irratiak jada euren bizitzaren zati ziren, euren mendiko mundu sherparen parte. Zer esango luke aitona Dawak bera joan ondotiko garaietan, osagile-azti hain ezagun eta boteretsu zen bere anaia Pembaren etxera bidean, banbu, hostozabal eta garo erraldoien oihanartetik, urrutian, etxalde baten teilatuan kokaturiko irratiaren bozgorailuak entzuten zirela jakingo balu? Zer, herriaren goialdeko muinean eraikitako gompa-tenplurako bidezidorretan irrati-laguntza musikal berbera ezagutuko balu? Berak, haraneko albaitari legez, esango lioke sherpak zirela oraindik ere, aitona eta osaba bezain sherpa, belaunaldiz belaunaldi zetorren herri menderakaitzaren ordezkari, sherpa izate gogoangarriaren katebegi, Himalaiako jenderik errespetatuenaren sokako zurda amaiezin. Irratia legez, berdin-berdin gertatzen zen albaitari lanetarako zituen tresna modernoekin, altzairu eta gomazkoak asko, berdin behi, bufalo, ahuntz zein idiei ematen zizkien botikekin, aitaren garaietako egurrezko tresna eta belarrekin zerikusi gutxi zutenak. Bere auzokideetako nork ez zion onartuko altzairu pintzekin bere zekorra zikiratzea? Nork deituko zion harana zintzur bihurtzen zen parajean bizi zen osaba Pembari, bere 80 urteak beteak zituela han bakardadean bizi zenari, belar eta ukenduekin ardiak sendatu ziezazkion? Onartua zen sherpen munduan garai aldaketa, eta “aita, ez zaitez nirekin haserretu, ezin dugu besterik egin” ziotson gauez ametsetan agertzen zitzaionean. Nola ez zuten mundu aldaketa onartuko, hark ekarri bazien etxean zuten eta herrian bakarrenetarikoa zen auto-bateria, pare bat bonbilla argitu eta sakelakoak kargatzeko balio ziena. Nola ez, jakinik eskolako nepalera narrasa alboratuta Kathmandun hain ilustratuki ikasitako estatu-hizkuntza anpulosoari esker bere maila erakutsi zezakeela herrikideen miresmenaren aurrean. Zela sukaldean hiriburutik etorritako lehengusuarekin oratoria erakusketak eskainiz familiari eta bisitariei, zela herri osoa biltzen zuen eskolako biltzar nagusian hitz dotorez aurkezpenak eginez, zela eskualdeko hauteskundeak zirenean eskualde burutik zetozkion alderdi politikoetako ordezkariekin jendaurreko elkarrizketa goi mailakoak izanez. “Aita, nola ez onartu mundu berria, horrenbeste gauza on ekarri dizkiguna! Eta ekartzeko dauzkana! Erakutsiko dizkizut etorri ahala” - ametsetako solasaldietan bere jarrerak azalduz behin eta berriz. Bere garaian, alabak herriko eskolatik bailarako institutura bidaltzeko unea heldu zenean, zalantzak izan zituen. Emaztearekin batera, luze joan zen erabaki hartzea. Senide guztiek eman zuten euren iritzia, sherpen artean familia kontuetan ohitura zenez. Gutxi batzuk baietz, alabek institutura eta jarraian Kathmandura joan beharra zutela, albaitariak izan zuen aukera berbera haiek ere merezi zutela. Gehienek ezetz, ez zela komeni neskato haiek ingelesa gehiegi ikastea, ezta nepalera ondoegi menderatzea, are gutxiago kanpoko ideiekin beraien buruak korapilatzea. Tendik estuasunak pasa zituen erabakia hartu beharreko uda hartan, eta azkenean senari jaramon egin zion: behin albaitaritza ikasita berak begirunea irabazi zuen herrian. Bada, bere alabei ere berdina opa zien. Jakina, ikasi edo ez ikasi, etxe sherpa handienetako semeekin ezkonduko ziren, haien herrira bizitzera joan, izen oneko andere errespetatu izango ziren. Onartzen zien baina, bere emazteak egin zuenaren aldera, 18 urterekin beharrean 23 urterekin bihurtzea emazte. Behin erabakita, enbata sutsuak bizi izan zituen hiru harriko sua erdigunean zuen lokatz eta banbuzko horma eta habedun sukalde hark. Ez zuen horrek Tendi bere hautuan kikildu. Alabak betiko neska sherpa gisa heziak izango ziren, ama eta aitarekiko begirunean, etxeko lanetan, soro eta ikuilukoetan, erlijio budistan heziak izango ziren, jaietan sherpa-familia handietako jendeek ohi zuten lez jantziko ziren, sutondoko sekretuak izebekin ikasiko zituzten, Pemba aitona-osabarekin erritual tradizionalekin emakumetuko ziren, sherpa kantuak ikasiko zituzten… baina institutura eta unibertsitatera joango ziren bere esku zegoen bitartean. Eta XV. mendean Tibetetik hegoalderantz Himalaia gaur egun bizi ziren eremuetara gurutzatu zuten sherpen artean lehen familietakoak zirenez, herrian jabe zituzten lurren uzta-errentak eta Estatuak emandako bere albaitari soldatak hor zeudenez, dirua bazegoen horretarako. Horrek ez zuen aitarekin ametsetan izaten zuen kontu hartzean lotsaraziko. Osaba Pembak ere horrela aitortu zion behin oihanean 3 egun eta gau oso beste aldean eman ondoren. Zuhaitzak, ur-jauziak, haizea, anaia-arrebak, arbasoak aurrez aurre eta norbere baitara sartzen ziren beste alde hartan sartu eta irteten zen Pemba, eta bere hitza izan ohi zen azkena Tendirentzat: Shampalmu eta Mik Kathmandura joan beharra zuten ikastera. Ez baziren joaten, urrutirago joan beharko zuten, askoz urrutirago, munduaren bestaldera arroz-biltze lanak baino askoz latzago ziren mando-lanak egitera. Horrela ikusi zuen Pembak beste aldean emandako hiru egun haietan zehar. Ikusmira iluna, hitsa, dongea. Zalantza pindar oro haizatu zion osabak Tendiri beste aldeko joan-etorri hartatik bueltan, erabat olioztatuta, biluzik, sukaldean arrastiriarekin agertu zitzaionean. “Sartu osaba, zer dakarkiguzu oihanetik” - espero gabeko agerpenarekin izutu xamar. “Iloba Tendi, alabak ez itzazu presaz lokatu. Presak katez jositako mundu basati eta gaiztoetara eramango lituzke. Ez badituzu alabak oihanetatik betiko aldendu nahi, ez itzazu ezkontzetan lotu unibertsitatetik bueltatu arte. Dawak esan dit”, eta hori luzatuta sartu bezain misteriotsuki bueltatu zen gauaren beltzera. Mik eta Shampalmuk arbasoen oniritzia zuten beraz. Pagotxa sherpa herriaren munduan. Haien esku egongo zen ikasketetan aurrera egitea. Ororen gainetik, baina, sherpen munduak zutik zirauen. Dena bere tokian. Horrek ez zuen ezertan aldatzen betiko mundua, banbuen artetik Katchenjungari lainoen artetik begiratzen zion mundu ttipi, busti eta koloretsua. Mundu hark jarrai zezan, gosaritarako tchang edo arroz-esne partiketak, artaburu-erreketak, Shampalmu eta Miren esku. Horrela ari ziren goiz hartan ere bi ahizpak. Arin-arin zebiltzan. Arroz esne tchanga epel hartu, barrena pixka bat berotu, katilukada bana bertaratutakoei eskaini, gose zenak Shampalmuk aurretiaz piztutako suaren txingarretan artaburua erre, erabilitako katiluak uretan pasa eta egina zegoen egin beharrekoa. Institutuan goizeko zortzi eta erdietan hasten ziren klaseak, hortaz, herritik bi ordu lehenago atera behar zuten ahizpek txirrinak jo baino lehen ikasgelan egoteko. Beraz, gosaritako lanak zenbat eta laburrago, orrazketa lanetarako denbora gehiago. Institutura abiatzeko apainketak elkarri egiteko lanetan patxadaz ibiltzen baiziren Shampalmu eta Mi goizero. Lanbro arteko lamiak balira legez, hitzik esan gabe, alkandora zuri-gona grixeko uniformea jantzita, ezkaratzera etxeko aulki bakarra atera, bertan eseri eta batak bestea ile beltz bizi dirdiratsuko adats luzeen lisaketa erabatekoa lortu arte orraztuz. Inoiz, lehen solairuko gela txikian uda horretan lo egiten zuen gonbidatu zuria gosaltzera jaistean, bera balkoian agertzearekin bat atariaren aurrealdetik sukalderantz egiten zuten jauzi, ezkutura berehala. Bisitariak magia hor zegoela nabaritzen zuen, elkarbanatzen ez zen horretan, etxekoena baino ez zen horretan, sherpen artean intimitatea bezalako etiketarik gabe, etxeko atarian eginagatik, begi berrietatik urrun gorde nahi zen horretan. Egun hartan zuria esnatu gabe zen oraindik, beraz lasai ari ziren biak lanbro artetik ihesean datozen eguzki-pindarren epeletan etxaurreko zabalgunean, lamia-lanetan, orrazi luzeari eraginez. Ikusle zituzten artasoroen onespenez, zutoin-luze batean eskegitako koloredun banderola budisten azpian, amaigabe bihurtu arte luzatzen zuten masajearen gozamena loriatsuki aldarrikatzen. “Zer Mi, joan beharko dugu ba” - orraziaz azken joan-etorrietan Shampalmuk. “Bai, ez dut atzo bezala hor goiko zuri horrek gu orrazten ikusterik nahi” - aulkitik jaikitzeko keinuak eginez. Orrazia eta aulkitxoa jasota, etxeko lanetarako erabiltzen zuten sukalde ondoko gelatxoan gorde, liburuak eta aterki bana bildu, eta etxetik abiatu ziren ahizpak. Behin etxaldearen eskumaldean zetzan harlauza-mailadiaz bi metroko horma libratuta, Jetsun izan ohi zuten zain auzoko etxe-atarian. Eurek bezalakoxe nerabea zen Jetsun, hamasei urte, alkandora zuri, gona grisaxka, familiako 8. seme-alaba. Bere aurreko zazpi neba-arrebak herritik kanpo lanean Kathmandun, Saudi Arabian, Malasian. Bere atzetik zetozen etxeko beste hiru pottokoak herriko eskolan geratzen ziren, Mi eta Shampalmuren neba gaztea bezalaxe. Biko taldea hirukoa jada. Beste ehun metro artasoroetatik jaitsi, iturrian arropa garbiketetan edo goizeko lehen urekin freskatzen dauden auzokideak agurtu, adinkiderik ez zuten etxe pare baten aurrealdeak gurutzatu, eta bertan herriko eskola. Urteak eman zituzten han institutura jaitsi baino lehen, gutxienez bost bai, gehiago ere agian. Zaila egiten zitzaien, bai horratik, handik igarota melankoliaren harrak barruan sigi-saga ez egitea. Institutua luzaz zen eraikin hobea, berria, argindarduna, patioan ez zuen ur-putzurik, lokatzik ez zen ageri, ikasgelak garbitu egiten ziren noizean behin eta irakasleak hobeak ziren. Hori guztia jakinda ere, hiru neskatoak halako zera batek igurzten zituen eskola aurrean zegoen ume-mordoaren zalapartaren erdian abiada bizian zihoazela. Futbol zelai, auzoko hurrenaren bufalo bikotearen bazkaleku eta aldi berean neska-mutilen jolas patio zabal zenaren azken ertza pasa arte, zizare-zera horrek goizero leunki egiten zien bisitatxoa. Ttak-ttak, ttak-ttak. Nolabait bertatik zenbat eta urrunago, libre izateko aukera gutxiago zutela jakingo balute lez. Nerabezaroa bitarte, eskola zulo hartako horma haiek epemuga jakina zuten euren irrien babesle balira lez. Hala ere, institutuko nahaspila ere maite zuten sherpa gazteek, bai alajaina. Halako hau sherpa, bestea linbua-a, hangoa rai-a, harakoa tamang-a… aukeran koloreak, hizkuntzak, aurpegierak, erlijioak. Klaseak nepaleraz ziren, eta denak ziren nepaldarrak, baina etnia eta familietako ezkontza-arauetatik oraindik salbu, gustu kontuak askeak ziren euren adinean. Eurek sherpa izaki, bazuten hinduek bekaitzaz desio zuten abantaila bat: tibetar jatorriko budisten artean ohi zenez, ezkontza-aurreko sexu harremanak ez ziren bereziki zigortuak. Beraz nolabaiteko askatasuna zegoen ageriko ezer gertatzen ez zen bitartean. Horrelaxe egin zuen ez zela hilabete ere izango taldera aldapa beheran hurrena batuko zen Sharitak. Plaza nagusi funtzioa betetzen zuen eskola alboko futbol zelaia igarota, maldan behera 100 metrora bizi zen, banbuz, lastoz eta lokatzez eraikitako etxola txiki batean. Ama gaztea, bera eta beste bi anaia gazteago bizi ziren gela bakarreko txabolan, oilar-oilo gutxi batzuk eta zerri bakarrak lagundurik. Aita mendian turistekin zuten lanean, apenas ez zen agertzen herritik. Beste familia bat ez ote zuen osatu hasiak ziren esaten herrian. Bada etxeko egoera zaila gora behera, Sharita herriaren pareko mendilerroan garaiera antzekoan ikusten zen rai komunitate bateko mutil koxkor batekin txora-txora eginda zegoen. Institutura heldu berritan haren ibilerak itsutu egin zuen erabat, eta tematu egin zen. Badur izeneko mutilak, hindu erlijiokoa izaki, arazo gehiago zituen horrelako buruhauste txiki batean hasi baino lehen, beraz Sharita oso gustuko zuen arren, uzkurra zitzaion egunerokoan. Suertatu zen baina montzoi garaiak eman ziela aukera. Demaseko ur-jasa batek haranaren sakonetik herrixketarako bidexkak erreka bihurtu zituen, eta inork ezin izan zuen etxera bueltatu. Eta behin institutuan ostatu hartuta, ilunpeak, nerabezaroak, eta bereziki lagunen “ni hor, zu han, utzi niri manta” eta abarrek borobildu zuten giroa, aurrez aurre paratutako mendi kasko biren magaletako bi kimuek goxo-goxo igaro zezaten gau umel hura. Shampalmuk igarri zuen Sharita masailetako gorriak kolore biziagoa hartu zuela ordutik. “Nik ere nahi dut”- izan zen bere ondorioa, “ez dut zertan itxaron aitak sutondoan senarra aurkeztu arte”. Goiz hartan presaka zihoan maldan behera lau neskako taldetxoa, herrixka utzi orduko seikoa bihurtu zena. Dorjee eta Jangmu ziren zuri eta grixeko taldetxo hari batutako azken neskato adats ilunak. Segituan, herria utzi bezain laster, neskatoei zegokien formalitate oro ahantzita, builaka hasten zen koadrilatxoa. Etxolarik ez jada, auzokorik ez, lotsak desagertuak. Automatikoki metamorfosia jasanda bezala, euriarekin zein euririk gabe, gandu itxitan zein eguzki berotan, norberak bere aterkia ireki eta multzo koloretsuak osatzeari ekiten zioten sei adiskideek. Maldan behera ziztu bizian, harri-koxkorrek baino lokatzak agintzen zuen zidorretan sugearena egiten joan ohi ziren, nork arinago hartuko burua, nork moztuko bidea bihurgunean, nork ezin eutsi beherakako erritmoari… lerroa hausten zuenak jolasa galtzen zuen. Mendian ibiltzen ohituak, artasoro malkartsuetan txikitatik lanean, inor gutxik asmatuko zuen institutuko ilaran txukun-txukun, arropa garbiz Kathmandun, Londresen zein New Yorken askok amestuko luketen dotoreziaz agertzen zen neska sherpa taldetxo hura ero moduan ibilia zela ira eta garo erraldoien arteko aldapetan ordu erdi lehenago. Haatik, sherpak izan arren, aldapa gorak ez zituzten horrenbeste maite. Hortaz itzulerako bidea lasaiagoa izaten zen. Ez zuten gainera euren jolas sekretua inortxok ere ezagutzerik nahi, euren arteko gauza zen. Inoiz beraiekin auzokoren bat jaisten zen bide erdian arroila eskualde-bururantz gurutzatzen zuen zubira arte. Bada egun horietan eurek bakarrik geratu ezik, ez zegoen suge-jolasik. Berdin, euretako baten bat falta bazen. Berdin aldapa goratan. Horietan guztietan aterki laranja, berde, hori, gorri, urdinak euria ari zuenean baino ez ziren irekitzen. Jolasak ematen zien poza gehiago zen inork atzematen ez zielako, beste edozergatik baino. Ez zuen inork ezagutzen, ez zuen izenik, ez zegoen jolasik. Shampalmuk lasterka, jauzika, saltaka, kolore-saltsan ase arte aritu ondoren, institutua oihan ertzean agertzean aldarrikatu ohi zuen bezala: “basurdeak, hegaztiak eta oihanera beste aldera sartu-irtena egiten duten jende magikoak dira gure suge-jolaseko ikusle, beste inor ez. Gurea da hau, beste inorena ez”. Arratsaldero herrian sartzen zirenetan eskola pareko zelaian zegoen edonork nabaritu zezakeen hain txintxo, burumakur ia, lainopetik hezetasuna gogaitu nahi ez balute bezala, banaka-banaka pasatzen ziren neska koloredun haiek bazutela sekretu hurbilen bat euren artean gordeta. Isilpeko itunen bat zeukatela. Eta inork ez zuela haren arrastorik. Ez bazkarako futbol zelaian instituturako adinik ez zuten gaztetxoak aurrez aurre jartzen zituen jolasean zebiltzanek, ez artasoroetan mozketan ari zirenek, ez bufalo-bikoteari goldea jarrita ildoa jorratzen oinutsik ari zenak, ezta herrixkako eskolatik atera berri zen bost irakasleko ekipoak. Zoro moduan ipotx libreen mundu librean atzera eta aurrera zebiltzan hiruzpalau urteko haurrek zer esanik ez. Inortxok ez zuen haien siga-saga ezkutuaren berri. “Shampalmu! Zatoz gurekin jolastera, gaur mutilek ez dute egun onik. Errepasoa! Galanta! Zurekin ekipoan, luzarorako isilduko ditugu!” - oihukatu zion Namkha zalapartariak. “Ezin dut Namkha. Aita eta ama zain ditut. Gainera ez dut batere gogorik” - lehor Shampalmuk. “Tira! Txokoan ditugu! Apal-apal aterako dira hemendik!” - mutilen taldea erraz garaitzen ari ziren, eta haren poza partekatu beharra zeukan. Eta bide batez gizontxo aurkariak lotsarazi. Futbol zelaiko egurrezko atearen inguruan aritzen ziren eguna joan eguna etorri hain maite zuten jolas hartan. Bi talde, urteak gorabehera, mutilak alde batean, neskak bestean. Lurrean makilaz marraztutako hiru lerro zeharka eta beste hiru kontrara, erdiko guneetan lerro bikoitzarekin harrapari-taldearen eremua markatuz, bederatzi lauki handiz zehaztutako joko-zelaia. Beste taldeko inork ukitua izan gabe jolas eremu osoa alderik alde gurutzatzen zuen taldea irabazle. Eta berriz, beste behin ekiten zioten posizioak trukatu gabe. Bakar bat ukitua izan ezkero, talde aldaketa eta harraparia harrapakin eta alderantziz. Betiere, harrapariak ezin zuen lurrean lerro bikoitzez marraztutako lauki-guneetatik atera, eta hortaz, ehiza ez zen erabat askea. Arautua eta espazio mugaduna baizik, mundua lez. Eremuz eremu mugatua, toki bihurtutako espazioz zehaztua. Zelai-ertzetik jolasean ari ziren adiskideei begiratuz Shampalmuri harra agertu.”Tira jolastuko dut, gaur ez dut etxera joateko gogorik” – ohikatuz bat batean – “eta hauek gure menean izanda” – algara betean mutilei begira – “ez dut aukera pasatzen utziko!!! !”- eta laisterka abiatu zen nesken ekipoaren aldera. “Onaaaa Shampalmuuuuu!! !” - irriz eta oihuz Namkhak eta jolasean zeuden beste hiruzpalau neskatok. Shampalmuk liburuak, arropa, guardasola zelai ertzean utzi, eta bere soineko zuri-grixaz herriko lehen hezkuntzako alkandora eta gona grisaxka-urdinei batu zitzaien gogo biziz. Mik, aldapatxo baten gainetik begiratuz, desordutan zebiltzala jakinik, bere baitarako etxeratzean izango zuten familia-elkarrizketa prestatzen hasi zen nesken taldearen garaipenak bata bestearen ondoren txalotzen zituen aldi berean. METAK Aldatzan behera zihoan hirukoteak egurrezko egituran igota zeuden artzain senar-emazteak agurtu bezain laster Antharkek proposatu zuen: “sar gaitezen euren txabolara, gutxienez chang katilukada bat emango digute. Eta zorte apur batekin, ardi-esne zurrutada bat irabaziko dugu”. Lainoa belaze malkartsuari pega-pega eginda zegoenez, hamar metrora zegoen txabola ozta-ozta baino ez zen ikusten. Udaren gorenean, ganduaren bustialdia desatsegin bihurtzen den mailatik behera ihesi zihoazen. Herrixka gainetik begiztatzen zuen gailurren ertza eta haren babesean ezarritako hilerri budistara arratsalde pasa igoak ziren Antharke, Tsiring eta azal zuriko bisitaria. Esan eta egin. Herriko etxeen aldean arras xumea zen ardi-artzainaren solairu bakarreko banbu-etxearen sabaiarekin oztopo ez egiteko makurtu eta han sartu ziren hirurak. Artzain senar-emaztea talaiaren gainean igota, artabizarrak eta garoak oinutsik ari ziren zapaltzen, bazkaleku tenteak metaz dotoretzeko adorez beterik lanean. Lainoa izanagatik, meta ia bukatuaren begiratokitik nor pasatuko aiduru zeuden, agian hirukotearen zain, agian oihaneko izaki iletsu bi-hanketakoaren zain, agian hamar minutura zetzan Lhonakeko hilerri sherpatik ihes egindakoren bat noiz agertuko zain. Ardi galduen bila zailduta, hodeien barrenera begiratzeko ahalmenaren jabe, haiek bai ikusi urrunean agurtu berria zuten hirukotea euren txabolan sartzen, eta emakumeak esan zion larruzko arropekin jantzia zen gizonari: “segi muturluze horiengana eta atera iezaiezu katilukada bana chang. Ezta okurritu ere esne tanto bat bera ere ematea. Gaur jaitsitako apurra gauerako ahitzen bazaigu, gureak egin du. Ez liguke barkatuko. Joan daitezela alkatearen etxera behi-esne eske”. Aginduei jarraituz, emaztea meta lanetan utzi eta txabolara hurreratu zen jite akituko Jangboo artzain agurea. Bazkan ari zen artalde iletsua ez zen aztoratu artzainaren lasterraldiarekin, erakutsi zuen liraintasunari baino haren urrats geldoei ohituago bazeuden ere. Inoren gustukoa izan ez bisitariak norbera bertan egon gabe etxeko sutondoan zain izatea, eta arrapaladan egin zuen maldan behera bere etxolara arte. “Arrastion!!! Hau plazerra zuen bisita!! Gainera amerikar zuri bat zuekin dakarzuela!!! Edango duzue arroz-garagardo epel egin berria ezta?? ?”- esan zien diosalaren plantak ezinhobe antzeztuta. Tsiring alkatearen semea zenez, autoritate kutsu batekin zeharka zuzendu zitzaion zimurrez betetako artzainari: “noiz izan duzu zuri bat zuen etxeko sutondoan eserita? Beste gauza bereziagoren bat aterako zenuela uste genuen…”. Hori esan bitartean, hura herriko etxerik txiroenetakoa zela, atzerrian zein mendian lanean seme-alabarik ez zutela, eta senar-emazteok gainaldeotan ardi-esne eta artilearekin ateratako lau sosekin bizi zirela ari zitzaion Antharke arrotzari nola edo hala ingelesera makalez. “Tira Jangboo, ez zaitez zekena izan. Atera gutiziaren bat eta erretzeko belarren bat, hezetasuna gainetik ezin kenduta nabil eta” – Tsiringek berriz ekinaldian. Jangbook tinko zirauen ordea. “Arroz-garagardo epelaz gorputza zuen onera etorriko zaizue, ez kezkatu. Hau hartuta, laino tartean berriz hoztu baino lehen aldapan behera saltaka batean zaudete zuen etxe dotoreetan.” “Eta esnea?” – Tsiringek jada zeharkakotasunak albo batera utzia. “Esne bila gero datorkigu oihaneko bisitaria, zuen lagun zuria baino askoz bereziagoa, muturfinagoa eta trumoi-haserrealdikoa. Beraz uste baduzue zuen laguntxo berri hau limurtzeko gure txabola txikitu eta ardi guztiak hiltzeko kapaz den oihaneko basagizona bere onetik ateratzeko arriskua hartuko dugula, jai duzue. Hartu ahalik eta lasterren hemen duzuen chang epela eta alde egin hemendik, arren”. Hori esanda, irribarrez betiere, sukaldetik atera, eta etorri bezala ortozik belazean gora laino artera sartu zen ostera Jangboo artzain akitu, zimurtu, begi txiki txinpartaduna. Hirukoteak, arroz-garagardo zuriari zurrutean, soarekin isilik jarraitu zion agurearen urratsei, ganduaren mihise zuriak artzaina haien ziztadetatik babestu zuen arte. TSERING LAINO ARTEAN Goizero-goizero chang edo arroz-esne katilukada handi bat hartu eta amari agur esan ondoren, kaiera eta arkatza besapean, Tseringek eskolarako bide-zidorra hartzen zuen. Ordurako zelaiei itsatsirik egoten zen gandua altxatze bidean egon ohi zen, eguzkiaren eta apar zuriko hodeien arteko lehia gori-gorian zela. Herrikideen kontrara, lainoak irabazten zuen egunak zituen maiteen Tseringek, behin hodeien barnera sartuta mendiz mendi hegan hasten zelako, basoz baso, haranez haran. Buztin eta banbuzko etxetik eskolaranzko xendrak ezin konta artasoro eta basoxka gurutzatzen zituen, beti malda oihantsu luze eta sakonetan barrena. Ur-latsen doinu kantaria, lore eta zuhaixkek populatutako baso-zoru aberatsa, belar bustia, lokatza eta izainak ziren bere ohiko lagunak eguneroko goiz ibilaldi horretan, baita bere aterki koloretsua ere. Laranja, berdea eta horixka zen, zabala, Kathmanduko jauntxorik dotoreenak papartsu erakusteko modukoa. Eta egunero zeraman berarekin, behin laino azpira sartuta, hegan egiteko tresna bihurtzen baizitzaion aterkia. Lainopean begiradetatik desagertu bezain laster, aterkiak abiada biziz eramaten zuen txoko ezkuturen batera eta han ematen zuen tartetxo bat gustura: izan zitekeen ur-jauzi zaratatsu baten altzora, izan zitekeen Suketahrreko jaiak ospatzen ziren goi-lautada belartsura, izan zitekeen herriko maldarik aldapatsuenetara, non ardi bazkariei begira geratzen zen, izan zitekeen hain gustuko zuen Pathi ikaskidearen ohatzearen parera nola esnatzen zen ikusi ahal izateko… Nahi zuen lekura eramaten zuen aterkiak, eta lainoak bere goizeko bidearen zati luze bat hartzen zuenez gehienetan, klasera 9etarako heldu orduko Tseringek egina zuen eguneko bidaiarik desiratuena. Bere ama Ningmak harrituta begiratzen zion etxeko eskatzetik hain pozik abiatzen zela ikusita: “zer demontre ote dabil ene txiki hau beti garaiz, beti irteteko amorratzen ibiltzeko!”. Izan ere, eskolatik ordu erdi ingurura bizi zen Nuru familia, eskola eta futbol-zelaitik (herrixkako plazatik) mendirantz haranean gora, eta beste haur eta gaztetxo guztien kontrara, Tseringek beti ahal beste luzatzen zuen etxetik eskolarako bidea, nagusiki goizean goiz. Bazkalorduan zein iluntzean gutxitan izaten zuen galtzeko arriskurik. Noizean behin Tikpa bere kide estuenarekin soro berrietako arta-enbor goxokiak jatera joaten zenekoren bat, Pathik etxeko teilatura joateko esaten zion arratsalderen bat... gutxitan orohar. Arroza bete katilua irensteko presa izaten zuen, eta askotan amak eskola ordua bukatu eta 15 minutura sutondoan eserita zuen Tsering bere begi gris handiekin adi-adi begira gosearen mirabe. Horregatik ez zuen ulertzen amak zein arrazoiz abiatzen zen goizetan hainbeste denboraz Tsering klaserantz. Ikaskideei galdetua zien, bidean zeuden etxeetako auzokideei, bere lagunei, bere sekretutxo guztiak zekizkien Pathiri… arrastorik ez. Tsering, bere bi koadernoak, arkatza eta aterkia. Hori baino ez. Eta uda bukaeran, aldirik aldi, etxera bueltan amari oparitzen zion lore more eta hori eder horietako bat alkandoraren eta lepoaren apaingarri. Azkenaldian egoera are ulertezinagoa zitzaion Ningmari. Azal zuriko atzerritar bat etorria zen herrira eta goizetan ordubeteko borondatezko ingeles lezio irekia zegoen eskola hasi baino bi ordu lehenago. Beraz, bere Tsering maiteak etxetik 8etan atera beharrean, 6ak aldera egiten zuen ospa azken asteetan: lansaria irabaztera doan dotore jantziriko gizontxoaren seriotasunez bustitako irteera antzezten zuen haurrak, nolabait ama irteera ordu goiztar haren ezinbestekotasunaz sinetsarazi nahirik edo. Antzezpen hura gorabehera, Ningmak ezin zuen ulertu nondik atera zituen bere zazpigarren umeak ohitura bereziok. Bufalo-goldean eta beso-gerri lanetan oinarritutako nekazaritzatik ateratakoa osatzeko, noizik eta behin oihal-salmentan aritzen zen aita Sonamek Kathmandura eginiko joan-etorrietako baten ekarritako ditxosozko aterki hura zertarako behar ote zuen ere etengabe zerabilen gogoan, goizetan ez baizuen inoiz euririk egiten. Arrosatik hori-metalizatura zihoazen ziztadak erakutsi ahala, eguzkiak hodei-itsaso amaiezina argitzen zuen urrutiko Katchenjungaren bizkarretik, eta itsaso horretatik lainoa maiz igotzen bazen ere herrixka zegoen goi-malda heze haietara, euria arratsaldetan soilik egiten zuen haranean. Horrez gain, aterkia bera ia-ia Tsering bera baino handiagoa zen! “Zer entzungo ote zuen eskolan ume honek hara eta hona aterkia gainean ibiltzeko!! Edo agian Pathik esango ote zion hitz politen bat aterkiaren inguruan? ?” - Ningmak bere kolkorako tramankulu harekin ikusten zuen bakoitzean. Sherpa kulturan aterkia ez da tresna berria, luzaroan herriko egun handietan familiako emakume helduenak erabili ohi duen apaingarria izan da, dela neguko uzta-festa handian, dela ezkontzetan, hiletetan zein eskualdeko agintariak herrixkara bisita kortesiazkoetan egindako harreretan. Ez zen euritik babesteko tresna baina, are gutxiago lainopean ibiltzeko gailua. Nolanahi Tseringek bere adiskide maiteen bihurtu zuen guardasol hura, eta ez zegoen hura eskuetatik kenduko zionik. Eskola zazpi atedun bi solairuko eraikin zaharra zen, Sukhetarreko adreiluzko eraikin bakarrenetako bat, erdi eraitsirik zegoen gompa edo eliza budistarekin batera. Baziren ere aberatsen bizpahiru adreiluzko etxe handi, irratia ehunaka metrora entzuteko moduan izan ohi zuten etxe haiexek hain zuzen, biak ala biak inguruko azeri eta belaxkak txunditzeko moduko aberastasun markak. Bada, eraikin zahar hartako beheko solairuko bigarren atean sartu eta azken ilaran zuen eserlekua Tseringek eta atseden bere aterkiak. Oinazpitan tinko gorde ohi zuen klase ordutan, eta bisitari zuri berri haren goiz-klasetan leku finkoa galtzen zuenez, berari eskatu ohi zion aterkia gordetzeko ordubetez, ezin zuela behar bezala zaindu bere klaseak iraun bitartean eta mesedez bere kideengandik babesteko bere harribitxirik preziatuena. Ez zuela galdu nahi asko maite zuelako eta berari esker bidaia zoragarriak bizi zituenez ez zuela arriskurik hartu nahi. Azal zuriak ez zuen sherpa hizkuntza batere ulertzen, tutik ere ez bazkalorduko ezinbestekoak salbu, eta Tseringek ere ezer gutxi hitz egiten zuen ingelesez jadanik bi urte zeramatzan arren eskolan ingeles klaseak jasotzen. Dena den, horrenbesteko pasioz hitz egin zion Tseringek arrotzari, berehala ulertu ziola garrantzitsuegia zela aterki hura ordubete hartan ikasgela hura okupatzen zuen jende oldearen olatupean bere kabuz uzteko. Goizetako lezio hark egun batzuetan ingelesa ikasteko ordua baino gehiago ematen zuen urrutitik etorri berria patxadaz ikusi eta entzun ahal izateko azoka moduko bat, hirurogeita hamar lagun ere biltzen zuena, eta ulergarria zitzaion arbelan hizketan ezartzen zuten gonbidatuari Tseringen aterkiarekiko kezka. Klasea bukatuta, irakaslearena egiten zuen zuriak inoiz ikusia zuen Tsering herri-gertakari haren eta eskola-ordu arautuen arteko gosaltzeko atsedenaldian oinutsik laino artera aterkia eskuan sartzen, gutxitan ikusitako dotoreziaz abiatzen ikusi ere. Haren ikusmiran, behin baino gehiagotan aurkitu zuen bere burua dotoreziaren balio unibertsalaz pentsatzen, nola dutxatu gabe, xaboi gutxi dastatutako aurpegiz, izainen laztanek odoldutako bernadun ume batek, laino artera aterki zabal eta koloreduna eskuetan abiatzerakoan Europako dotorezia neurri guztiak erraz hautsi zitzakeen, nola europar askoren dotoreziarako mugak diruz ezin diren konpondu, eta ea agian, Tseringek bezala, belarra ortozik zapaltzeak emango ote liekeen horretarako gako zuzena. Behin klasean eserita zegoela, nahiz eta adi egoten saiatu eta lagunek ezer ez nabaritu, Tseringek ezin izaten zituen ahaztu tartetxo bat lehenago bidean bizitakoak. Abila zen ikasketetan, oso, hainbesteraino non hirugarren urratsera aldatu zutela adinaren arabera bigarrena zegokion arren. Gainera bere anaia-arreba zaharragoek ez bezala, gutxitan joan behar izaten zuen aitarekin oihanera egur bila edo arto eta arrozetarako lur-sailak goldatzera, beraz ez zuen usu klase-ordurik galtzen. Horrela, bere ama Ningmaren pozerako, irakasleen goraipamenak zorroan zituela bueltatzen zen etxera askotan. Txiki-txikitatik gainera, hainbesteraino, aipatu bezala, 2. urratsean urtebete nagusiagokoekin sartu zutela ikasgelan. Nolanahi, ez zuen galtzen aukerarik klase orduetan berriki gozatutako ibilaldia birpasatzeko. Horretarako lezioa ahots ozenez behin eta berriz errepikatzen zituzten orduak zituen gogokoen, Lama maisua grafia eta kultura tibetarra irakasten aritzen zen haiek hain zuen, ia esaldi bakarra errepikatzen ematen baizuten ordubetea. Kantu bat sortu arteko doinu ezberdinez, hori bai, bestela klasean bildu ohi ziren 20 gaztetxo sherpak lozorrotik ateratzea ezinezkoa egingo baizitzaion Lamari, bere errieta alferrikakoak eta guzti. Egia esan Tseringek ez zuen apropos bilatzen gertatzen zitzaiona. Aterkia eskuetan lehenengoz hartu zuenetik jakin zuen aitaren opari hark berezitasunen bat zuela, harana zubi lez ertzetik ertzera estali ohi zuen ortzadarra gogora zekarkion oihal makildun hark zirrara berriak ekarriko zizkiola ordutik aurrera. Eta horrela izan zen bere bizitzan lehenengoz eskolara abiatu zeneko hartan. Bi urte pasatxo joanak ziren laino itxia artasoroei itsatsia zegoen goiz hartan, 3 urte bete berriak zituen goiz hartan, aterkia hodeien artean ibiltzeko ireki zuen hartan, aterkiak ezer esan gabe gorantz igo eta igo eta igo eta igo egin zuenetik. Igo eta igo eta igo eta.. blaust, urtebete lehenagotik ikusi gabeko anaia Lakparen aurpegia parean agertu zitzaionean gelditu. Nola zen posible? Lo ote zegoen oraindik? Normala ote zen eskolarako bidean bat-batean urruti lanean zeukan anaiarengana joatea (Tseringek oraindik ez zekien non zegoen Qatar, ezta zergatik ez zuen bere anaia azken urtean ikusi) ganduak bera jan bezain laster? Berandu helduko ote zen eskolara? Ikusi ote zuen anaia Lakpak, han, bere alboan, aterkia zabal-zabalik berari gertutik so eginez? Zergatik zegoen hain arraro jantzita eta gerrian, sherpen aiztotzarraren ordez, burdinazko tresna arraro hura eskegita? Hasiera batean izutu egin zen, bere umetasunak babestuta ez gehiegi, baina hura arrunta ez zela jakiteko adina bai. Sutondoan jaioa eta hazia zen. Aita-amen, aitona-amonen, osaba-izeba, lehengusu eta auzokoen kontakizunak izan ziren bere txikitasuneko bazka bakar, telebista eta irratitik urrun. Eta inortxok ere ez zuen inoiz aipatu gosaritarako chang-a edanda eskolara bidean lainoak haur sherpak bidaia luzeetara eramaten zituenik. Haurra zen, inozoa ez! ! Aditua zuen sherpen artean bazirela gizon ahaltsuak, belarrak eta hostoak, zizak eta lurpeko fruituak, zomorroak eta txoriak haien eskuen zimurrak bezain sakon ezagutzen zituztenak. Aditua zuen haien indarra eta jakituriak edozein herrikide sendatzeko gaitasuna zutela, haien begirada zorrotzak zure iragana, oraina eta etorkizuna lipar batean igartzeko gai zirela. Hurbil hurbilekoa zuen azti osagile horietako bat, bere aitona Tenzing haietakoa baizen, eskualdean begirune handia sortzen zuen igarlea baita izan ere. Baina aitonak halakorik ez zion inoiz aipatu, ez zion inoiz ere horrelakorik iradoki, ezta pepinoa txilian bustita jatera eta tungba edo arroz-ardoa edatera etortzen zen arratsalde luze haietako solasaldi amaibakoetan ere. Era batera edo bestera izan, bere eskolako estreinako egun hartan, aterkiak jada erdi ahaztua zeukan anaia Lakparengana eraman zuen. Ia ahaztuta izan ere Tseringek 2 urte zituen anaiak segurtasun-langile izateko Qatarrarerako bidea hartu zuenean. Bada hasierako izua kenduta, anaiaren itxura berria miresteko aukera apartaz gain, joan-etorriko bidaia erosoaz gozatu zuen. Aterkia ez zuen estuegi heldu behar bere martxari eusteko, hotzik eta bustialdirik ez zuen bide osoan hartu, haize freskoaren ufada aurpegian sentsazio ederra zen, eta bere harridurarako, klasera garaiz eta bere abenturaren inolako arrastorik gabe heldu zen. Zer gehiago eska zezakeen? Ezin jakin zergatik gertatu ote zen guzti hura, zerk eraginda gertatu zen ezta benetan anaiarekin egon ote zen edo laino artean jira eta bira ibili ote zen. Nahikoa zuen lehen eskola eguneko jantzietarako neurri-hartzeekin, banku luze baten beste 5 lagunekin eserita ordu erdiz egotearekin, berari egokitu zitzaion 14. zenbakia oroitzearekin, irakasleen izenak gogoratzearekin, eskolapeko belar-txatalean atsedenaldietan sortu ziren nahaste zaratatsu haien erdian zutik mantentzearekin... nahikoa zuen guzti horrekin! Nahikoa zuen, baina etxera bueltatzerakoan zeraman irribarrea ez zion eskolak eman, ezta Pathi ikusi eta klaseko bigarren lerroan bere alboan eserita egoteak ere. Horrek ere pozten zuen, jakina, baina Pathirekin egunero egiten zuen korrika artasoroetan barna, egunero jaten zituzten elkarrekin arto-zuztar gozoak, nahi zuen guztietan joaten zen lastozko teilatura berarekin barre algarak egin eta auzokoei adarra jotzera. Oraingo hartan, irribarre txiki hura hodeien artean aterkiari helduta bizitakoak ezarri zion aurpegian. Amak, eskolatik heltzerakoan, bi hitz luzatu eta segidan oiloei eta basurdetik zerritik baino gehiago zuen urdeari jaten emateko agindu zion. Jarraian, afaritan arroza laguntzeko zituzten barazkiak garbitzeko esan zion. Azkenik, pepino handi bat eskuetan utzi zion eta zuzen begietara begiratuz: “eskolara joateko aski nagusia bazara, pepino hau txikitzeko ere bai. Hartu aiztoa eta arroza irakiten hasi baino lehen txiki-txiki eginda nahi dut”. Tseringek lasai asko hartu zuen aizkoratxo baten antza zuen aiztotzarra eta bere egitekoari txintxo-txintxo ekin zion. Hiru urterekin amaren aginduei esanekoa izan behar eta ezpata okerra zen aizto handi harekin erabilera erakustaldi apartean jardun zuen. Pepino-lanetan eskuak, hodeien artean burua, irri txikia ezpainetan. Eta hortxe bota zion ama Ningmak: “Pathik ukenduren bat igurtziko zizun masailetan, bestela auskalo zertan ibili zaren ahoan imintzio xelebre hori izateko”. Gau hartan Tseringek, bere lasaitasun bi bider hautsian (bidaiak lehendabizi, eskolak bigarrengoz), berehala hartu zuen lo sutondoaren epelak besarkatutako etxeko lastozko ohatze bakarrean, amaren arnasa kantari goxoari oihartzun eginez. Qatarrera aurreikusi gabeko bidaia izan zuen lehena Tseringek. Eta hara nola, berak ezer ere ulertu gabe, hasi zitzaion bidaiatzeko gertaera berezi hura noizean behin jazotzen. Kathmandura lehengusuak ikustera, eskualde-burua zen Ilamera alpinistak zekartzaten hegazkinak nola lurrartzen zuten ikustera, kaskoen bestaldean zegoen Sikkimeko erresumara bertako jauntxo izandakoen jauregia ikustera… Beti leku berriak, berak munduan zeudenik ere jakin ezin zezakeen lekuak. Eta beti aitak oparitutako aterkia eskuetan laino artera sartzean. Bidea ikasi zuen Tseringek lauzpabost bidaia egin ondoren: eskolara goizetik, aterkia eta lainoa, laino itxia, gandua, bidaia. Tseringi harra sartu zitzaion barru-barrura, erraietaraino. Eta behin eskolara berandu heltzen ez zela eta bere bidaietaz inortxo ere konturatzen ez zela ziurtatuta, ibilaldi goiztar haien harra hazi eta hartza bihurtu zitzaion. Giltzarriak ezagutzen zituen. Beraz, zertarako zain egon? Hasieran lainoak bera irentsi arte ez zuen aterki-jauzirik gozatzen, baina gerora bere burua gandu-ehiztari bihurtu zuen: etxeko ezkaratza utzi eta lurrari itsatsitako hodei bila aritzen zen etenik gabe. Etxe aurrean, 1.000 metrotako malda luzearen balkoi paregabean, mailadi gisa antolatutako artasoroak ziren nagusi. Haietako biren arteko bidezidorra zuen irteera bakar. Hura hartu, latsa baten gainetik salto egin eta makina bat lur-txatal ertzetik gurutzatuz irtetzen zen etxaldetik eskolaranzko norabidea hartuta. Eguna argia izanda ere, eguzkiak desafiorik onartu gabe bere besarkada zabala ezartzen zuenean ere, artasoro terrazadun aldapatsu amairik gabeko haietan egoten zen goizero-goizero hodei multzoa itsatsirik, jolasean bezala, Tseringen zain bezala. Zer besterik behar zuen Tseringek haien atzetik erleak erlategiaren inguruan bezala eroturik abiatzeko? Badaezpada, etxetik apur bat urrundu arte ez zituen bere benetako asmoak erakusten, amak ikusi ezkero zer esango. Hori bai, lasto, banbu eta buztinezko teilatuaren ikusmira desagertu orduko, oinutsek ez zioten oztopatzen abiada bihurriz gandu egarria asetzeko beharrezkoa zuen edozer egitea: sastraka artera jauzi, baratza arteko harresiak gurutzatu, hodei artera garaietatik amildu, banbu-enborretara igo… Ezerk ez zuen beldurtzen, ezerk ez zuen bere helburutik aldentzen, bera, lainoa eta aterkia. Hori zen guztia. Hodei baten barruan zegoenean ez zuen ezer egin beharrik izaten, aterkiari ondo heldu besterik ez. Eta horrela, emeki-emeki, hegaldi teknika hobetzen hasi zen, bere desio gogokoenetara bideratzen. Tseringek gero eta sarriago egiten zituen aterki-irteeretan ikasi zuen nolabaiteko harremana izaten zuela jarduneko bidaiak aurreko eguneko gertakariren batekin. Sutondoan Kathmandun bizi zen arrebak telefonoz deitzen ziola amari? Bada hurrengo goizean Kathmanduko Budanath auzoko sherpen kalera egiten zuen kukua, bertara ezkondutako bere arreba Dorma eta haren seme-alaba Sanyda eta Dorjirekin tartetxo bat egin eta haien gosari-ordua leihotik atseginez usainduz, adituz, arnastuz. Osagile-igarle zuen aitona ikusten zuela belazeetan gora belar-sustrai bilketan? Ez zituen bi hodeiratze itxaron beharko herria eskegita zetzan haranaren arroilik itxienean aitonak zuen zeremonietarako etxolara agertzeko berau jendez lepo eta guztiz ketutako giro itxi-izerditsuan zegoen bitartean. Anaia Passangek trekkingean turista zuriekin irabazitako dirua etxera heltzen zela (egun handiak izaten ziren haiek, festa handiak, bai horixe) haren lagun Dupuk zuzenean ekarria? Hurrengo bidaia zalantzarik gabe bere anaiaren altzora egingo zuen, izan mendiko aterpe bateko gelara, izan kanpin denda estu bateko sarrerako atera, Passangen zurrunka jostariak ia hatzen puntaz ukitzeraino. Eskolan gazte zuri hura azaldu zenetik, bazituen ere inoiz ikusi eta entzun gabeko lekuetara joan-etorri aterkituak. Ibili zen Europako hiri handietan, Japoneko hiriburuan, miretsi zituen tramankulu zaratatsu metalezkoak, Katchenjungako arranorik arinena baino bizkorrago mugitzen ziren hegazti erraldoi ke-sortzaileak, harana hesitzen zuten kaskoak baino gorago igotzen ziren adreiluzko eta beirazko etxeak... aterkiak paseoan eramaten zuenetik, erabat ulertezinak zitzaizkion gailu eta eraikinen zerrenda amaigabea osatu zezakeen begien aurrean paratutakoekin. Hasieran ez zekien nondik nora aitonaren buztinezko txabolara joan beharrean milioika lagunek populaturiko eremu grisetara egiten zuen hegan. Bat-batean irakasle zuriak ikasgelan eskuz esku igarotzen zituen aldizkari koloretsuak oroitu zituen arte. Jakina! Aterkiak klasean paperezko argazkietan lehenago ikusitako paraje guzti haietara eraman zuen! Orduan ulertu zuen. Berak emana zion agindua! Berak gida zezakeen gosaldu eta zenbakiak ikasteko kantu-saioak hasi arteko gandu-ibilaldien norakoa! Burutazio bidez zirimola lainotsu haren bidea baldintzatu zezakeela ondorioztatu zuenean, galbahe lana egiten hasi zen bere baitan. Gehiegi estutu gabe baina sena hutsez bere hausnarketatxoak horren inguruan eginez. “Nora nahiko nuke joan? Nor nahiko nuke ikusi? Norekin eman nahiko nuke nire goiza?” eta beste horrenbeste itaun, haur batentzat arrotzak bezain ezinbestekoak, gertaerek bultzatuta espero gabe bere aurrean tupustean paratu zitzaizkionak. Hautatzeko bidea ikasita, zera erabaki zuen bere lehen borondatezko bidaian: garoz, hostoz eta banbu adaxkez egindako etxolan 24 ordu emango zituela bere osaba Khandurekin. Bere aldamenera abiatuko zen osabarentzat hain berebizikoa zen osakuntza-babes erritu hartan txabolan isolaturik egon bitartean. Tsering umeegia zen Khandu han sartuta zertan zebilen jakiteko, bazekien, haatik, zer edo zer garrantzitsua zela, Kathmandura itzuli baino lehen han sartu zela aitona osagile-aztiak gomendaturik, eta sherpa baten bizitza osoan zehar gutxitan egoten zela inor etxola hartan sarturik hain luze. Khanduren gorputz biluz osoa, ukendu koipetsu usaintsuez bustia, eta hiru harri koxkorrek hesitutako sugarra, horixe zen dena. Osagileak ordubete iraungo zuten kantu perkusiodun errepikakorrak haizatu zizkion txabolara sartu eta lasterrera, ondotik handik atera eta han geratu zen Khandu, zain, eguzkia berriz oheratu arte trantze moduko batean, egonean. Tseringek bazekien hura oso une inportantea zela Khandurentzat. Agian bazuen jokoan lana, osasuna, zoriontasuna, familia. Ez zekien zer. Baina pisuzko zer edo zer bai. Hortaz, han sartu zitzaion Tsering ganduarekin bat, bisitari ezezagun, lagun ikusezin. Eta ezin jakin zergatik. Norbera bitarte edo kasualitatea bitarte. Nolanahi, han eman zuen tarte luze-luzean (berari hala iruditu zitzaion, lipar bat baino ez izan arren) igarri zuen nola Khanduren aurpegiera estuasunetik lasaitasunerantz irristan hasten zen, leun-leun, ezpain artera ia irribarrearen printzak agertu arte. Etxola ketu hartatik atera zelarik, eskola aurreko futbol zelai putzuz betearen parez pare utzi zuen hodeiak. Egun hartan ez zegoenez gazte zuriaren ingeles klaserik, beranduago zihoan eskolara eta hodei eskasian, eraikinetik hurbilago atxiki behar izan zuen hegaldia ahalbideratuko zion lainorik. Itzulera ere, beraz, hurbilago egin zuen, eta bere estuasunerako, ia-ia zelaian bertan agertu zen aterkipean. Bart egundoko enbata bota zuen inguruotan eta horrelako guztietan bezala, futbol zelaia ia igerileku bihurtua zen. Bada, lainoaz gain, bere agerpen tupusteko eta oldartsuaren (lur hartzerakoan beti hartzen zuen danbateko gogorra, belarretan nahiz lokatzetan gelditu) babesle igerileku-zelai hura izan zuen. Eskolan ordurako zeuden hamarnaka ikasleak lehortze auzolanean buru-belarri ari ziren, eta euren jolasleku zuten herrixkako ordeka bakarra urez husteari osorik emanak egonik, Tsering hegalariaren zorionerako ez zuten haien egiteko auto-antolatutik arreta desbideratuko zien ezertxori inola ere erreparatzeko asmorik agertu. Lehen aldia zen norbaiti bere sekretutxoaren gaineko galderarik paratzeko motiborik ematen zuenik (danbatekoaz gain, jaisterakoan aterkia pikondo baten adarretan eskegita geratu zitzaion eta bertatik jauzi egin behar izan zuen), baina esan bezala zorionez, lainoaz gain, aurreko eguneko euri-jasek eta halakoetan biharamunean antolatzen zen ikasleen auzolanak salbatu egin zuten zurrumurruetatik. Nolanahi mesfidantza barruan zuen jada: zer esango ote zuen inork gandu itxia izanagatik bat-batean aterkiari helduta lurrartzen ikusi ezkero? Bere bidai-erabakiak hartzeko gaitasun ia estreinatu berritan, Tseringek hurrengo goizekoa azken hegaldia izango zuela ezin jakin Pathiri bisita luze bat egiteko gogoa murtxikatzen zuen bitartean. Arratsalde hartan klasetik atera ondoren beti bezala jolastera joan ziren artasoroetara, zuztar batzuk dastatu, oihu egin, iturrietan busti, Pathiren lastozko teilatura igo, gonpara harriak botatzera igo, gazte zuriari eta ahal zen guztiari adarra jo, tximilikuarteka ibili... hura zen beraien errutina alaia. Tsering, Pathi, Tikpa, Subas… sherpa txiki saldoa batetik bestera bihurrikeriatan, edozein kondairaren protagonista izateko merezidun. Eguzkiak urrutian zetzan Kantchenjungako mendilerroa gorritzen zuen unean bazekiten haurrek etxeko sutondoak prest zeudela eta tximistaren pare, bakoitzak bere etxerako bidezidorra hartzen zuen. Eta arrastiri hartan, Tseringek Pathi maldan behera arto-hosto, huntz eta banbuek estali ahala desagertzen ikusi zuenean aterki-hegalariarentzako hurrengo hautua egin zuen: “bihar goizean banoa berarengana”. Halaxe izan zen hautua eta halaxe aterkiaren ibilaldia. Baratz eta larreen hezetasunak mardul atxikitzen zituen gaueko lainoak eguzkiak haiek zulatu bitartean. Etxetik hurbilen zegoenera zuzen abiatu, aterkia ireki eta blaust, haize ufada batean Pathiren ohatze parera egokitu zen Tsering bidaiaria. Pathi ez zen goizeko 7tako ingeles klasetara joaten, lo amiñi bat gehiago egiteko gogoak iltzatuta geratzen zen, betiere mantapean. Gainera, arratsaldero nahikoa egiten zion barre bere etxearen parez pare, aldapatxoaren gainaldean zegoen etxean, aterpetua zeukaten zuri bizargorriari eta ez zeukan loguraren mesedetan hari entzutera joateko inolako interesik. Han zen Pathi bai, lo oraindik, etxeko sutondoan bildurik zegoen senitartekoen zalapartari entzungor, zurrunkatxo kantari goxoez banbu oihaneko txorien lagun. Bere ondoan, budisten erara eseriz, Tsering Pathiren arnasari ahalik eta luzeen jarraitzeko prest zen, erritmo pausatuan bere lagun-minaren loa borondatez lagundu nahirik. Pathik lasai zirudien, eder, armoniatsu, printzesatxo sherpa zen, Kathmanduko aristokrata bat baino duinago, Sukhetarreko negu-festa baino alaiago, oihaneko errekastoak baino freskoago. Hainbesteraino liluratu zuen Pathik une hartan, ezen eskua luzatu eta Pathiren bisaia laztanduz instintiboki bizitzako lehen maitasun keinuari bide eman zion. Hori gertatu bezain laster inondik ere espero ez zuen gertaera jazo zen ordea. Tenzing aitona osagile-igarlea bere aurrera agertu eta horrela zuzendu zitzaion ilobari: “Tsering maitea. Belaunaldiz belaunaldi gure etxekook gorde dugun sekretuaren zaintzaile berria zara. Zuk bilatu beharko duzu hemendik aurrera nola egin hodei-hegaldiei ekiteko. Baina inoiz, inoiz, inoiz ez ezazu inor ukitu. Ez itzazu esnatu, izutu, asaldatu, laztandu, oztopatu, zirikatu. Besterik ez dizut esango”. Beraz aitonak bazekien zertan aritzen zen laino artean aterkiarekin! Inuzentea bera, nola ez zuen jakingo ba! Ez al zioten askotan esan bere aitona sherpen artean itzal handiko osagilea zela, jende asko etortzen zitzaiola aholku eske, sendatzeko erremedio bila, igarkizun gose? Aitonaren agerraldiak Pathirengandik arreta desbideratu zion Tseringi. Eta nolabaiteko aldaketa sumatu zuen bat-batean bere egokeran: astunagoa sumatzen zuen bere burua, lurrari helduago bezala, ordura arte aterki-hegaldietan inoiz sentitu ez zen bezala, beste guztien pare nolabait esateko. Albora so egin eta... aterkia desagertua zen!! Aitonak ebatsi egin zion!! Horrekin ohartzeaz batera Pathik betazalak ireki eta irribarre egiten ziola iruditu zitzaion. “Kaixo Tsering, zer moduz egin duzu lo?” galdetu zion jarraian. Tseringek lotsa sumendi bat nabaritu zuen zainetan gora, gorria, beroa, suzkoa. Zutitu, eta ezer esan gabe etxeko sukaldea gurutzatuz etxetik atera zen kaiera eta arkatza besapean. Eskola hastekotan zen. ARROILARI BEGIRA Bailara osoko ikusmira zuen landan zeuden eserita arroilaren sakonera begira. Haserre, ibai gorriak zintzur berde bizian zaratatsu agurtzen zuen bere eremutatik egozten zuen ingurua. Ez zeukan horma garai, baso epelez babestutako gailurrak agurtzeko batere gogorik. Nora joan handik at? Nagiak kendu ahala banatzen zuen ur-emaria, oldarrak ezker-eskuin, goi-ta-behe, mendien besarkadak bukatzeak zekarkion nahigabeaz ezin libraturik. “Aizu Lama, zuri monasterioan erakutsi al zizuten errekek arimarik duten?” – herrian arbasoen medikuntzan aritzen zirenen artean errespetatuenetakoa zen Tenzingek betile bat bera ere mugitu gabe. Alboan eserita zuen herrikideari entzungor, Lamak “aizu Tenzing, zuk badakizu Lhasa eta Kathmanduko lama eskoletan zuoi nola deitzen dizueten?” - arrapostua eman zion begiradaz artaldeari so ari zela. “Ez, ezin jakin. Esadazu zuk”. “Lama adoregabeak. Gu bezalakoak izateko guztia duzue, ezaugarri bakarra faltan: etxea uzteko adorea”. - ardiak soraiorantz zihoazela Lamak, lepoa haien norabidearekin batera mugituz. “Aizu Lama, eta badakizu nola deitzen dizueten zuei, monasterioetan hazitakoak zaretenoi, tibetarrek, sherpek, sikkimdarrek edo ladakhiarrek?” - Tenzingek kontraerasoan. “Bai, badakit. Gogorarazten dizut baina, nik utzi egin niola lama diziplinari eta orain nekazaria naizela, zu bezalaxe” - herrian Lama izena gordetzen zuen arren, jada ez zen gehiago tunikaz ibiltzen ezta hierarkiapeko jardun erlijioso arautuetan aritzen. “Tunikarekin edo tunikarik gabe, laranjak azalarekin edo azalik gabe zukua ematen duen bezalaxe, lama izaten jarraitzen duzu eta lama gisa jarduten duzu herritarrekin. Zuek, monasterioetan urteak eman dituzuenok lamaismoaren zama zuengan duzue eta ezin diozue ihes egin. Eta bai, txitxarrak. Horixe. Denok txitxarrak deitzen dizuegu. Badaezpada errepikatzen dizut. Isildu gabe errezatzen, egun guztia zuen tokitik mugitu gabe, ingurune guztia harrabots monotonoaz anestesiatzen eta gainera beti agintzen. Ahaztu ez dezazun errepikatzen dizut” - zirikatzaile Tenzing. “Badakizu Tenzing laguna, txitxarrik gabe ez dagoela zelairik eta lamarik gabe ez dagoela Himalaiarik” – lama erretiratuak lehor. “Ah bai? Argizariak lurrindutako monasterioetako geletan hainbeste ikasi eta gero jakingo duzu ba lamen kapela beltz, hori, gorri edo laranjak agertu baino lehen baginela mediku eta azti, saien bazka eta uzta sasoietako dantzari ezta?” - mendietako jakinduria zaharren aldarrikatzaile, ponbu edo mediku-azti zen Tenzingek. “Nik tunika laranja utzi dut herri honetan ez dagoelako zer egiterik zuekin. Hor goiko gonpa huts hondatu ziztrin hori ikusi besterik ez dago herrikideon txoko maitatuena ez dela jakiteko. Hobe alferrik ez jardun. Baina gogoratu gauza bat Tenzing: lamek eraikitako mundua erortzen den momentuan, aztiak babesik gabe geratuko zarete eta botika-medikuek erauntsien osteko maldan beherako errekek enbor bakanduak bezala erauziko zaituztete. Gu gara zuen azken heldulekua, eta herri honetan bertan, Sukhetarren, ni desagertzen naizen momentuan zuetako bat bera ere ez zarete errespetatuak izango. Mespretxatuak izango zarete, ukatuak, zokoratuak, ahaztuak. Hobe herri hau lama gazteren batekin saritzen badu Budak, bestela ikusiko duzu billeteen koloreen sinesmen berriak nola suntsituko duen ezagutzen dugun guztia” - lamari nabari zitzaion begietako gorrian hunkitu egin zela etorkizunaren beltzak kolpatua. “Tira-tira Lama, ez zaitezela horrela jarri. Errepiderik hurbilena 10 ordutara dugu, ez dugu argindarrik, bi ordu oinez ditugu bailara osoko botika-mediku berri bakarrarengana heltzeko, eta zu gure heriotza ziurtagiria sinatzen? Audientzia faltak erretxindu zaitu ala? Egunero-egunero zure etxaldearen aurretik pasatzen dira niregana datozen hainbat eta hainbat herrikide. Non dago zuek desagertuta gure ezagutzari aurre egingo dion hori? Non dago zuk hain erraz marrazten duzun uholde txikitzaile horren burrunba? Ahhh... ulertzen hasia naiz. Jelosiak jota zaude!! Demontre, galtzaile txarra zara gero. Uste nuen kiroltasun handiagoz hartuko zenuela bezero falta. Onartu ezazu, jendea aspertzen duzue zuen kilker-mantrarekin eta horregatik hustu zaizu hor muinoaren gaineko gompa. Hortik, gure asaben jakituria mundu berriaren erratza pasatuta desagerraraziko digutela esatera tartetxo bat dago Lama” - Tenzingek ezaxola imintzioak eginez. “Tenzing Purba Sherpa. Begirunea zor dizut, oihana inor gutxik bezala ezagutzen duzu, jende asko sendarazi duzu, beste aldera sartu eta irteten zara lamak dugun besteko erraztasunez, gizon ona zara. Baina lama izateko herria utzi eta Himalaia iparralderantz gurutzatzeko adorea falta izan zitzaizun bezala, orain ikusten duzun etorkizunari hitzak jartzeko adorea falta zaizu. Badakizu zer datorren mendi magaletako monasterio eta gompen hormak eraistearekin lamen mundua urtzen bada.” - Lamak ahoan zerabilen pepino zatia murtxikatzen zuen bitartean. “Har ezazu trago bat ur motel. Horrenbesteko tristeziak ahoratu duzun pepino zatitzar horrekin gaitz egingo dizu eta” - eguerdiko mokadutxoarekin ari ziren zelaiak bukatzen zireneko tontortxo batean eserita zeudela. Zelaiak bukatu eta gailurretarantz alturako oihana hasten zen lekuan zetzan muino borobila, herriko festetarako erromeria-gune ere bazena. Bista apartak bailara osoaren gainean, herriaren gaineko balkoia, mendi-ertzeetarako abiapuntua, belardien oihal berde leuna basoko berde ilunarekin batzen zen maldaren tolesdura. Txokoaren atseginak herriko jende mota asko bilarazten zituen bertan: zirela herriaren gaineko belardietan bazkaleku zuten ehunaka ardien zaintza egiten zuten artzainak, zirela artilez arropa-ehuntze lanetan aritzen ziren zahartzaro atariko emakumeak, zirela hizketara hurbiltzen zirenak, zirela bailararen adar batetik besterako bidean suertatzen ziren auzokideak. Lama eta Tenzing mediku-aztia, goiz hartan bezala, noizean behin igo ohi ziren bertara. Herriko plazarik ezean, haur eta gazteek okupaturik izan ohi zuten eskolaren aurreko futbol zelaia. Beraz, egun eguzkitsuetan jendea etzanda egotera gonbidatzen zuen gain abegikor hark betetzen zuen plaza-lana. Izango zen jaiegunen oihartzuna, izango zen tokiaren energia berezia, izango zen han bukaeran ageri ziren tontor izoztuen itzala. Hura zen herriko agora. Hartara, Lamak eta Tenzingek ezin espazio kuttun hark eskainitako aukerari muzin egin. Astunegia zen zain zuten gaien zerrenda belarretan elkarren ondoan egonda mokoka ez jarduteko. “Ura baino nahiago bufalo-esne mingotsa. Gezurra dirudi mediku-azti batek hain gustu gutxi izatea” - zorrotik kuia lehortua atera, tapoia kendu eta tragoxka bat hartzen zuelarik Lamak. “Hor gordea duzun hori bufalo-esnea da ala? Lehenago esatea zeneukan! Kontxo, kontxo, nola ez dugu dastatuko ba tamainako gutizia! Pasa iezadazu kuia hori segituan Lama. Jan berri dudan pipermin beltz minetan min zoragarri horrek eskatzen dit tragoxka bat!” - begiak ia saltaka zituela Tenzingek. “Beraz, zuk ere behar duzu trago txarren bat pasatu? Uste nuen eztarria piperminetarako prest zeneukala. Biguntzen hasia zara agure zahar hori… ez ote da izango oihanean antolatzen dituzun ukendu-festa horietakoren batean sustotxoren bat izan duzula, ezta?” - Lamak orain kontraerasoan. “Nola?” - harridura aurpegiaz mediku-aztiak - “ berak kontatu al dizu ala?” “Ez motel, zer edo zer entzun dut basoko garoen artean. Norbera artasoro eta garo-sasien artean dabilela belarria fin jarri baino ez dago zure sendaketetan gertatzen denaren berri jakiteko, adiskide. Oraindik ez duzu basoa ezagutzen, ala? Eta gainera, ez al dakizu niri ere gaueko bizidunek bisita egiten didatela?” - solaskidearen harridura eta ernegazio arteko aurpegian ageri zenez espero ez zuen heldulekutik ekin zion honakoan. “Beno, hainbesterako ez da izan. Kathmandura bueltan zihoala istripua izan du busak, baina onik irten da Lamuren semea. Zure gompara errezatzen joan balitz seguruena hilik legoke” - harrokeriaz aztiak. “Bai, ziur nago horrela izango zela. Gehienbat gompako sabaia gainera eroriko zitzaiolako haize ufadarik suabeenarekin. Edonola, kezkatuta egon beharko zenuke. Medikuntza modernoa gertutik bizi izan duen eta hiriburutik etxera bueltan datorren herriko seme batek zugan ezartzen du bere konfiantza, 24 ordu ematen ditu zure esanetara etxola batean hertsirik, ke lurrinetan ia-itota, gau oso bat jarraian oihanean banbu eta hostozabalekin biluzik, ezti-belar-sustraien ukendua gorputzean emanda, edabe bereziak prestatzen dizkiozu zorte onak iraun diezaion, eta hirira bueltan doanean, dzast, autobusak maldan behera lokatzetan plaust eta ia-ia han geratzen da gaztea”. Isiluneak hartu zuen bien arteko belar motz-motzeko zelai zatia. Nabarmena zen Tenzingen atsekabea. Autobusean zauritutakoa bere iloba zen, Khandu, eta larriki zauritua suertatu ez zen arren, kolpe ederra hartu zuen: hiru saihets eta sorbalda hautsi zituen istripuan. Horrek ez zuen herrian Tenzingen izen ona edo mediku-azti izaera kolokan jarriko, inondik ere ez; haatik, bere familia-atsekabea handitu baino ez zuen egiten zori ona irabazteko bere sendaketa-prozesutik igarotako herritar baten patuak hain kolpe latza jasan izana herritik aldendu eta ordu gutxira. Adiskidearen aurpegiera goibelaz ohartuta, apur bat animatzen saiatu zen Lama: “eh Tenzing, etzazula kontua ilunetik heldu. Gompako metal-xaflaren batek bertan harrika ibiltzen diren umetakoren bat harrapatzen badu, zer, Budari botako diogu errua? Ekaitzen eta suntsiketaren Budari? Zure eskuetatik pasa bazen Khandu, ziur horrek babestu zuela busa amildegian behera erortzean. Ez daukat zalantzarik horretan. Orain, hobe hurrengoan berduratxoren bat botatzen badiozu edabeari, jendearen marmarrak azken garaietakoak gozoegi ateratzen ari zaizkizula baitio” – zital eta dibertigarri Lama. “Aizu Lama, ez niri monjekeriekin etorri. Ez dut zure aholkutxoen beharrik. Horrela hitz egiten zenion jendeari gompan bizi zinenean eta denak ihesean jarri zenituen” - Tenzingek ziztadari eztenaz ihardetsiz. “Bale, bale, lasai, zure tristura autoestimu baxuarekin nahasi dut. Zuregan ez datoz biak batera, nabari zaizu. Gauza bat esango dizut halere horren harira. Ni ere aspertzen nintzen gompa-bizitzan. Nahiago dut zelai eta soroetako lana, otoitza eta meditazioa baino. Nahiago dut emaztea eta seme-alabak izan, herritarrek elikatutako otoizlari izatea baino. Eta badakizu monjeok nahi beste sexu izaten dugula etxez etxe bidaiatzen dugunetan, senarren onespenarekin izan ere. Baina nahiago dut oraingo bizitza eta ez naiz damu. Beraz utziozu nire aldaketa porrot legez aurkezteari. Nahita egin nuen, eta berriz ere egingo nuke” - bere bizi-ibilbidearen defentsan tinko Lamak. “Zuk ere aldatu zenuen zure aukera Sikkimeko gandorra beltzen monasteriotik ihes egin zenuenean” - berriz ere Tenzing zokoratzeko gogoz. “Hara bestea nondik datorren. Oker zaude. Hura ez zen nire aukera izan, hura gure herriko orduko lamak gurasoei egindako presioen ondorioa baino ez zen izan. Horrela errekrutatzen gintuzten mendiko herrixketan. Zu Lhasako gandorra gorrien monasteriora nola joan zinen ahaztu al zaizu? Ez al duzu oroitzen nola utzi zenuen etxea 12 urterekin? Orain, Himalaiari eskerrak, gazte-gaztetatik mendira doaz denak zuriekin lanera eta lamak ez daukazue gurasoak nondik estutu” - garratz hizketan 80 urtetik gora zituen mediku-aztiak. “Ez nazazula antzinako presioekin nahastu. Nik ez nuke joko zikinik inoiz erabiliko. Argi dut gainera lamaismoaren bideak ez duela behar inolako presiorik. Berez doaz bere habiara hegan ikasten ari diren txoritxoak. Eta zu bertatik pasa ez bazina, ez zinateke gaur zaren mediku-azti jakintsu eta errespetatua izango.” - sendo bere jarreran Lama. “Lama, benetan uste duzu mendietako umeek gustura uzten dituztela lainoen arteko lasterketak, arto-zuztar goxoki meriendak, etxaldetik etxalderako ibilaldiak, monasterio isolatuetako gela ilunetako ikasketa gogorren truke? Ordu luzeetako errezo-saioen truke? Yoga ordu amaigabeen truke? Eta benetan uste duzu, gurasoek hori jakinda, gustura uzten dietela joaten?” - bizipenetik hitz egiten zuenaren ahots lodiaz. “Eta zuk uste duzu umemoko guzti horiek hobe daudela mendi-zamaketari lanetan? Zurien kapritxoen menpe hobe daudela? Gure tontor sakratuetan izotz artean hilda, elur-jauzietan itota, goialdetako arimen eremuetan arnasa hartu ezinik? Uste duzu dolarren erlijioa Budarena baino hobea dela hor beheko futbol-zelai lokaztu horretan jolasean ari diren haur guzti horientzat? Kathmandura mendiko lanetara zein Qatarrera edo Malasiara asto-lanetara doazen gazteak abiatu baino lehen, zure ukenduen bila datozenean, alai ikusten al dituzu? Euren buruekin bakean?” - jainkoen ordezkatze baten aurrean zeudela adierazi nahi zion Lamak mediku-aztiari. “Khandu ez da gailurretara joaten, trekkingetan baino ez dabil, arriskurik gabeko ibilbideetan” - Tenzingek uzkur. “Eta badakigu zergatik ezta? Mendi erraz hartan istripua izan zuenetik tontor gehiagotara ez joatea erabaki zuelako. Jainko berde berriak ez diolako burua galarazi. Aldiz, Khandu bakana da herrikoen artean. Beste guztiak zer? Non daude? Zertan dabiltza?” - Khandu, autobus istripua izan berri zuena, zortzimilakoetan hasia zen mendebaldeko zurien esanetara, baina behin 6.000 metrotako tontor batetik jaisten ari zela ia bizia galdu zuenetik uko egiten zion gailurretarako espedizioetan parte hartzeari. Erabaki zaila, jakinda zuriekin gailurretara jotzen bazuen, askoz diru gehiago irabazten zuela mendiko lanean ari zen sherpak. “Ez dizut ukatuko gailurretako diruak, gure herrietan gauza batzuk erraztu arren, min handia egin duenik. Itsuenak ere ikusten ditu gure herriak gizon gaztez gabetuak, dela atzerrian zein mendian lanean daudelako, dela behin dirua poltsikoan Kathmandu nahiago dutelako. Gizonen beso falta dago soroetan. Emakume, zahar eta ume herri bihurtzen ari gara ia. Noizean behin zorroa dolarrez beteta herriratzen direnen harrokeria eta handiustea ez da makala. Ondotxo ikusten ditugu biok horrek sortzen dituen ezinikusiak eta desberdintasunak. Lehen neguko dantza zirkularrean ez zegoen auzokideari eskua ukatuko zion sherparik. Gaur da eguna hori bukatua dena. Argiro, mendiak kate berriak ekarri dizkigu.” - nolabaiteko babesa emanez adiskidearen argudioari. “Hortik zulako mediku-aztiak banbu-kainabera baten pare erabili eta zokoratzera urrats bat baino ez dago. Akabo zuen itzala herritarren artean” - Lamak sarkor. “Hor labain egiten duzu Lama. Jakitun naiz mendiko diruak herrietan sortzen dituen estropezuez. Ahaztu egiten duzu ordea beste kate batzuek ere hautsi dituela mendira joateko aukerak. Tartean zuen agintekeriarekin bukatu du, jada ez zarete jaun eta jabe. Berdin-berdin soroetako maizterrei galdetu ahalko genieke ea zer nahiago duten seme-alabentzat: artoa eta arroza erein eta jasotzen bizitza osoan jardun eta uztaren herena lurraren jabe sherpa-jauntxoari eman edo semea mendira zamaketari lanetara bidali, eta zorte pixkatxo bat izanda familiarentzat lurrak erosteko beste diru irabazi. Eta zorte pixkatxo bat gehiagorekin, anai-arrebei edo seme-alabei Kathmandun ikasketak izateko beste diru atera zuriei. Benetan uste duzu kate berriak kate zaharrak baino estuagoak direla?” - galderak airean iltzatuz bezala. Kotoia zen belarrezko talaia hartatik parez pare agertzen ziren hodei mardulak, herrixken, bailaren, soroen txapel ziren zuri ia ukigarriko hodei sendoak, mendi ertzek marrazten zuten urdin biziaren azpitik sigi-sagan mugitzen zirenak. Galderak ikusmira hartan iltzatzeak ez zuen aparteko ezer, dena zen material, dena gorpuztu, dena haragiztatu. “Katerik gabeko izaki bakarra elurretako Yetia da Tenzing, ez dugu horren gainean aritu beharrik. Bera da izotzetatik bailara umel bero sakonenetara jaisteko askatasuna duen bakarra, inork ezin du oztopatu, ez du mugarik lainoen babesa ez beste. Nik ere nahiago ditut auzoko mutil gazteak aldatzetako lanetan eta ez Arabiako basamortu itogarrietan aberats tiranoen menpe. Baina horrek ez du esan nahi euretako asko heriotzara ez doazenik zuriek ondo ordaindutako kapritxoengatik. Han daukagun Katchenjungari begira haziak gara ehunaka urtez Sukhetarreko sherpak, eta ihesean ibili garenean salbu, halabeharrez ez bada izan, gutako inor ez da hil haren izotz-itsasoetan edo elur-jauzietan. Zergatik? Errespetua gorde diogulako. Zuk zeuk dakizu hori inork baino hobeto. Beste aldera zoazenean arbasoek zer esaten dizuten entzuten duzu, izotzetako eremuetan ez sartzen ikasi dugu haiekiko begirunez. Eta orain? Orain, hemengo etxean hildako bat, bestean zauritua, hangoan desagertua. Lehen baino diru gehiago bai. Onenean, gure gazte indartsuenen atzamar izoztuekin kontatzen den dirua.” - Lamaren begirada oso zen nahigabetua. Ezin jakin nora arte herrikide gazteen patuak edo bere gonpa hutsaren ajeak sortua zen goibeltasuna. “Ez nauzu hortik estutuko. Zuk bezainbeste sufritzen dut mendiko istripuekin, gazteak abere gisa erabiltzen dituzten zuri tontorzale askoren harrokeria diruzalearekin, herriak mutil gaztez hustuta ikustearekin. Baina ikusten ditut neskak Kathmandun edozein lan tristetan beharrean, gure gazte sherpak zein magaletako kumeak ez diren nepaldar brahma, newary, tharu edo gainontzekoak Malasian mirabe bihurtuta, eta uste dut mendiei begira eman zaigun bizia berdin mendiak kendu diezagukeela. Bitartean, bizimodua egiteko aukera badute gure gazteetako batzuek, hainbat hobe. Nahiago etxera begira elurretan hil, egarriak itota jauntxo turbantedun esklabozale baten eskuetan baino.” - tonu berean Tenzingek. “Hori da beste aldean arbasoek esan ohi dizutena?” - Lamak ezin sinetsirik mediku-aztiak mundu berriaren gaitzekiko erakusten zuen konplazentzia. “Arbasoek esan ohi didate mendia dela gure altxorrik handiena, han daudela eurek gure zain.” - labur, gehiago sakondu nahi ez balu bezala. “Besterik ez?” - berriz erasoan Lama. “Bai. Behin hilak garenean saiek txiki-txiki eginda eramango gaituztela tontorretara eta troka zuloetara. Hortaz, gure gazteek euren kabuz igo nahi badute bertara, ez dagoela zertan larritu. Azkenean denak goazela leku berera” - antzinako Bon erlijioaren arrastoa atera zuen Tenzingek solasaldira, bai baitzekien Lamak ez zuela budismoa Himalaiara heldu aurretiko praktika haiekiko onespenik inoiz ere erakutsi. “Beno, horrela jartzen bazara ez dugu zertan jarraitu. Lama garenok ere sartzen gara beste aldera, eta gompa hustua eta eraitsia dagoen arren, zu bezala pasatzen naiz ni beste aldera. Zu oihanean eta zure txabolan. Ni nire etxaldean edota inguruetako herrietako lamen etxaldeetan. Zu belar, sustrai, ziza eta ukenduekin. Ni mantra, idazki eta meditazioarekin. Biok goaz leku berera ordea, eta biok ditugu elkarrizketak. Niri bezala, zuri ere hitz egiten dizute. Tontorrak gazte izoztuz betetzea ez dute onartzen amildegietan eta izotzetan bizi direnek. Ez daude pozik, eta hainbesteko harrokeriari aurre egin ezinik, ezin dituzte babestu mendiaren atzaparretatik.” - Lamak Tenzingen hitzei sinesgarritasuna ukatuz. “Beno, ez badidazu sinistu nahi zure kontua da. Tunika gabeko apaiza zara, eta zure autoritateari aurre egiten dion edonork gogaitzen zaitu. Zure beste aldea eta nirea ez dira berdinak, ez bada Yetia orain Buda itxura hartuta ibiltzen oihanetako gau beltzetan. Barkatuko nauzu Lama. Goiza solasean doakigu eta eguerdia baino lehen urruti xamar jaitsi behar dut amaren anaia bat gaixo jarri delako. Ikusten duzunez publikoa oraindik fidela zait, gaixotasunean gehienbat. Zure gompa hutsak sortzen dizun erresumina aztertu beharko zenuke” - Tenzingek bere burua Lamaren gainetik ezarri nahirik. “Errazegi ematen duzu amaitutzat nire lama lana herrian Tenzing. Ez dizut zertan esan nortzuk datozkidan etxera laguntza, aholku eta sendaketa eske, zuk uste baino gehiago. Gompa hustua hobe dago umeen harrikaden zain. Zuk Sikkimeko monasterioan ikasi zenituen teknikak mediku-azti errespetatua izateko balio izan zaizkizun bezala, nik amaren amari ikasitako belarrak ondotxo menderatzen ditut. Eta zuk bezain erritmo ona dut sendaketa kantak errepikatzen. Ez ahaztu lamak garela, Himalaiako seme ere bai.” - apur bat sentikor jasan berri zuen eztenkadarekin. “Hara orain nondik zoazen. Nik Sikkimen ikasle emandako bi urteak sufrikarioa izan ziren niretzat, eta zeozer ikasi banuen gogoz kontra izan zen. Askotan hitz egin dugu horretaz” - xehetasunik eman gabe. “Badakit, horregatik, zuk ere lamaismoari diozun anker-gogoaz hausnartu beharko zenuke. Gandorra beltzen artean denak ez ziren izango zu ia akitu arte zigortzen zintuen lama hura bezalakoak. Nik ez nuen horrelakorik izan ezta ikusi ere. Ez zara justua lamaismoa zure bizipen gogorretik soilik epaitzen baduzu.” - norbere erresuminen bilaketak leporatze hutsen zerrenda baino ariketa zabalagoa izan beharko lukeela gogoratu nahiz… “Ez badut bizipenetik epaitzen, nondik hitz egingo dut ba? Zurekin hemen ditudan pepino gazi mokadutxoetatik?” - Tenzingek berean kiribilduz. “Ba esaterako hasiera bikaina litzateke adiskide. Nahiz eta tunika kutxan gordea daukadan eta gompan bizi beharrean emazte eta seme-alabekin nire etxean bizi naizen, zu jipoitzen zintuen lama bezain lama izandakoa naiz. Eta zuk bezala sendatzen ditut herrikideak, zuk bezala dantza egiten dut neguko gizon eta emakumeen zirkuluetan, zuk beste maite dut arroz-eta-artatxiki-ardo epela, zuk bezala egiten dut itzala ilargiak Sukhetarreko gauak argitzen dituenean” - Lamak bere barnean zuen lamatasuna aldarrikatu nahi zuen Tenzingen aurrean, tenplua utzi, ordena jakin baten mendeko diziplina utzi, eta herrikideen artean bat gehiago bihurtzea erabaki zuen lamatasun ez-disziplinatua zan arren. “Zu lama arraroa zara Lobsan” - oso gutxitan deitzen zion izenetik Tenzingek bere osagile-konpetentzia zuen herrikideari. Bazuen konpetentzia gehiago, hots, bazeuden mediku-azti gehiago inguruetan, bazegoen osasungintza mendebaldekoa erabiltzen zuen botika-mediku modernoa herritik oinez bi ordura. Haatik, Lobsan Lama zen itzala egiten zion bakarra auzokideen begiruneari zegokionez. Berak ez beste inork egin ziezaiokeen aurre jakiturian zein onespenean, eta horrek berak ematen zion euren harremanari soka tenkatuak daukan indarra. “Zeharo arraroa” - segitu zuen - “ezagutu nituenetatik oso urrun dagoena. Arropa berezirik ez duzu erabiltzen, baratzean aritzen zara gainontzekook bezalaxe, ez dituzu jendeak aspertzen egun osoko otoiekin, eta hala eta guztiz ere gau osoko saioak egiteko, hildakoak agurtzeko, eskualdeko lamarik indartsuena zara. Herrikideek errespetatzen zaituzte. Baina zuena bukatu da. Ez dago gehiago gazterik zuen lamatasun herrikoia berrituko duenik, eta aldiz, ttunttun gauak ospatzen ditugunero ikusten duzunez, pombuek badugu katean jarraipenik, baditugu ikasleak, nire seme Tsetan horietan indartsuena. Guk bide luzea dugu, zuenak egin du”. “Tenzing, Tenzing. Ahaztu zaizu zuek ere pagauso bihurtuak zaretela. Denbora kontua baino ez da. Dolarrak sartu zaizkigu erraietaraino, eta gu galtzearekin batera, ez dute gazteek zuengan gehiago sinetsiko. Lotuta goaz zuek eta gu Tenzing. Turisten txaloak jasotzera gu baino lehenago helduko zarete. Bai. Baina behin erortzen hasita, batera eroriko da gure mundua. Zurea eta nirea.” – Lama Lobsanek ahotsaren oihartzunari luzamendua emanez, ia-ia bere hitzek basoetatik gora zetorren haize emari goxoarekin bat eginez. “Hara, zuria dator aldapan gora Tendi albaitaria eta lehengusu Antharkerekin”. – bat-batean elkarrizketa errotik moztuz Tenzingek. “Eta hau zertara etorri ote da munduaren beste muturretik guregana?” – galdera luzatu zuen eguzkipeko muino belartsu hartara heldu berri zirenei begi-zeharka irriñoa erakutsiz. “Auskalo Tenzing, auskalo. Berak ere jakingo ote du zer egiten duen hemen. Behin Tendi eta Antharkek ekarri dutela, egin diezaiogun leku bat gure larre eder honetan.” – eta hori esatearekin batera, heldu berriak agurtu, belazean esertzeko eskatu eta bufalo-esne kuia preziatua eskaini zien. LAMU, ZERRIZAKUR ETA OTSOZERRI 1. Lamu, Yaltsen, Antharke eta gazte zuria sukaldean ziren. Ilundu berria zen gaua eta Lamuk aizto luze batez txikitutako oilo hilberriaren zatitxoak lapikoan etzan zituen. Piperminaz busti ondoren emeki-emeki eragin eta salda goxoaren lurrin usaintsuak buztinezko etxea lainotu zuen. Zuria zegoen gela, beroa barrua. Suaren urdin-hori-gorriaz margoturik ziren bisaiak: zimur sakonez zaildua Lamuk, artasoroetan irabazitako zauriz dekoratua Yaltsenek, goi-mendietako hotzek zartatua Antharkek, bizargorriak menderatua europarrak. Atea ireki eta Pema neskato liraina sartu zen banbuzko etxolaren erdi - erdira zuzen - zuzenean. “Lamu!! Zerrizakur eta Otsozerrik alde egin dute!!! Zatoz kanpora, agudo!! Hesiaren gainetik jauzi egin eta oihanera joan dira!! !”. “Baina, baina, zer diozu ene txiki horrek, zahartua nauzu eta atsoa naiz baina ez nauzu harrapatuko hain erraz. Eseri hementxe nire alboan eta jan ezazu gurekin oilo zopa egin berria.” - Lamu amonak hortzik gabeko irribarrea eskainiz. “Seriotan ari naiz izeko Lamu!! Etxera nindoala eskolako kontu eta gorabeheren gainean solasean aritzeko gogoz nengoen eta zerritxoei bisitatxo bat egitea bururatu zait. Harresiaren parera igo bezain pronto, euren izenak oihukatuta agertzen ez zirela ikusita, barrura sartu naiz. Eta ez daude izeko, ez daude!! Benetan ari naiz! !” - negar zotinka Pemak. “Eh, eh…hortaz…eh…nolatan egingo dute ba ihes hainbeste maite nauten ene bi kurrinek??? Ez zituzten ostuko ezta? ?” - zalantzati Lamuk. Ordura arte isilik egondako Antharkek bere lehen hitzak esan zituen orduan: “Ama, zuk uste Zerrizakur eta Otsozerri lapurtu balituzte ez genuela haien garrasirik entzungo?? Ez dakite isilik egoten eta! !”. “Eta drogatu balituzte?”- Lamuk gero eta urduriago. “Ama, badakizu hemen gure droga bakarrak mendiko belarrak eta arroz-pattarra direla… denbora galdu baino lehen hasi beharko duzu gertatutakoa onartzen.” - zuhur antzean Antharkek baina gehiegizko sendotasunik gabe. 6 urte zeraman Antharkek amaren etxea zapaldu gabe. Erraz esaten da 6 urte. Eta amak etxolako suaren gainetik begiak doi-doi altxaturik beso zabalik jaso zuen arren, barneko minen korapiloak askatu gabe zituzten ama - semeak. “Hala bada, seina berreskuratu eta seme zuri berri bat irabazi dudan gauean, urteetan goizetako argi arrosak, izpi zuriak, laino laranjak hitzez bete dizkidaten lau hanketako bi kumeek basarako bidea hartu dute. Bi hanketako ama galdu dute betiko.” 2. Zerrizakur eta Otsozerri hotz ziren. Oihan bustirako jauzia egin zuten goiz hartan eta pozez egon arren, kezkak janda zituen haien pentsamenduak eta elkarrizketak. Askatasuna zuten xede eta askatasunerantz egin zuten. Ez zuten Lamuk atonduriko lasto bustiz eta zirinez ehunduriko ohatzetan gehiago lo egiteko asmorik, ez zuten harrizko lau hesien artean jarraitzeko gogorik, ez zuten ohol-ustel teilatupean euripetik gehiago babesteko desirarik. Askatasunaren eguna bertan zen, etsaia bertaratua zen. Hizki larriz idatzitako etsaia. Ordura arte Lamuk maite zituen eta eurek Lamu maite zuten. Goxo hasi zituen, inguruko etxeetako diru-eskaintza oparoetatik babestu zituen, seme lez zaindu zituen. Goizero-goizero bere hitzek eta laztanek argitzen zien eguna Katchenjungaren magalak pizten zituen eguzkiak beste. Esker onez, beraien kurrinik kantariena eskaintzen zioten arto-hostoak murtxikatzearekin batera. Gerora, arroz-garagardoarekin gosaldu ostean, kontu kontari aritzen ziren baratzeko lanetan Lamuri laguntzera zetozen lehen auzokoak heldu arte. Zerrizakurren barrenak begietaraino isurtzen zen gorrotoz egiten zuen borbor bi hankadun gizakien agerpenaz, hainbesteraino Otsozerrik hitz lasaigarriz baretu behar izaten zuela ezinikusiak gainezka egin baino lehen: “Zerrizakur, burua erabili ezazu. Lamuk haren maitasuna erakusten digu behin eta berriz. Etzazula epaitu merezi ez duen bezala. Tikpa eta Pema bi sherpakume mukizu baino ez dira. Haiek ez dira gure kalterako izango. Badakizu nork den gure zinezko etsaia. Erlabioek haren oin-hotsen berri ekartzen ez diguten bitartean ez dugu zertan kezkatu.” Begietako zainak zuritu zain isilik gelditzen zitzaion Zerrizakur. Egun hartan, ohituraz kanpo, anaiari arrazoia eman zion: “bai Otsozerri, zuzen zabiltza. Horrela bizitzea ere ez da bizimodua. Lamu gehiegi maite dut eta gure artekoa babestea baino ez dut nahi. Ez ditut jasaten amatxori soroan laguntzearen aitzakian gure muturren aurrera datozkigun diruzale guzti hauek. Amorratu egiten naute, baina ez dira gure etsai. Beste hori baino ez da gure etsaia. Hura agertzen ez den bitartean salbu gaude.” “Horrela da Zerrizakur. Indarrak, burua eta Lamuren babesa gorde behar dugu egun handia heltzen denerako. Auzoko kakatiren bati amorruak eramanda hortzaka egingo bazenio ez genuke gehiago amatxoren konfiantza gordeko” - Otsozerri zen bizkien artean buru hotzena eta anaiaren goraldiei eusten nahikoa lan izaten zuen. Bere hizketaldirik onenak erabili behar izaten zituen egunak joan, egunak etorri. Bereziki artasoroetan goldatze zein uzta garaiak izaten zirenean, orduantxe agertzen baitziren Lamuren lurrak lantzera beso sendoetako sherpa gazte lerdenak. Egun handia heldu zen ordea. Eta etsaia, hitz larriz idatzitako etsaia, han zuten. Kolpea jasoa zuten. Bihotzaren atzealdean hainbeste urtez gorderik izan zuten amesgaiztoa egia bihurtu zen. Maitasunarekin eraikitako mendekotasuna haustea beste irtenbiderik ez zuten. Ohatzerik ez zuten gehiago izango. Eta orain, oihan ederra hotz zen. 3. “Zer egin dut gaizki hain luze galdurik izan dudan semea berreskuratu dudan egunean urte guzti hauek goxotu dizkidaten bi kumeak galtzeko? Ez ote du ni bezalako atso bakarti batek familiaren beroa merezi gailurretarako azken bidaia hurbildu aurreko azken egunsentietan bada ere? Non sartu zara urte guzti hauetan seme?” Antharkek isilik begiratzen zion amari. 6 urtez etxola hartako sua azalean dantzari izan gabe eta ez zeukan hitzik ateratzeko indarrik. Lokatz bustiaren, basa-tabako errearen, banbuaren eta oilo-salda txili-pipermindunaren usain nahasiak mingaina lotua zioten, adorea lokartua. Amari azalpen errazik ezin emateak ez zion laguntzen haren ezinegona lasaitzen. Hasieran, mendiak utzi bezain laster, etxera bueltatzeko ametsek hartzen zioten loa gauero-gauero. Esnatu, kalera atera eta hiriko hautsek bizitu besterik ez zizkioten egiten ordu ilunetako grinak. Poliki-poliki baina, ohitu egin zen jende oldeetara. Tuk- tuken plastikozko txirrinen hotsa lehen banbu-adarrek betetzen zuten haragi-espazioa hartzen joan zen. Sirimiria bezala, bere gorputza blaitu arte. Hiriburuaren keak busti zion aurretik oihanaren hezetasun mardulak emeki - emeki igurzten zion bekokia. Eta behin heze, amaren sutondo epelaren beharrik ez zuela sinesten hasi zen. Ez zuela gehiago afaria egin zain hitz-aspertuan orduak eman beharrik izango. Ez zuela etxolako txerri-bikotearen gose ase-ezina arta-ostroz eta arbigaraz ito beharrik izango. Ez zuela herritarren hitz doinu kantari eta bihurria berriz ere joritasunez gehiago faltan botako. Hitz batean, Sherpen mundua ez zuela berriz ere patxadaz zapalduko. Orain ama aurrez aurre zuen. Galdezka. Jakin-minez. Negu guzti haietako bakardadearen ondoren kontu eske. Eta berak ez zeukan zer esanik. Erantzunik ez. Sherpa emakumeek eraman ohi zuten zapi koloretsuaren gainean ezarritako frontal ahulak zeharka argiztaturiko begi txiki bizien izpi dirdiratsuei ezin eutsirik. Zer ihardetsi amatasunak eta minak aldi berean ernalduriko sentimendu erauntsiaren azaleratzearen aurrean? Nola begiratu bakardade ilunaren bat-bateko argiztatze harroari? Antharkek ez zuen damurik: etxola hartan ehunduriko zilbor-hestea hautsi beharraz egin zuen ihes hirira eta huraxe lortu zuela sentitzen zuen. Alabaina, hausketaren ondoren hestea lotu zeneko sehaskara lehenengoz hurbiltzean haren goxotasunak goitik behera astindu zuen. Lo zituen hainbeste galdera inarrosi zitzaizkion eta une batez dardararazi. Etxolako atearen parez pare zegoen saskia ohe zuten oiloetako baten mugimenduak ernarazirik, etzanda zuen burua altxa, eskuaz amaren frontalaren argitik babestu eta sei hitz luzatu zizkion Lamu zaharrari: “Ama, barkatu, ezin nuen besterik egin.” 4. Lamuri nahigabea eman ziotela bazekiten, hainbeste urtetan zehar elkar zaindu eta maitatu ondoren ederki asko ezagutzen zutelako. Egunak emango zituen beraiekin pentsatzen, amets egiten, euren minez biziko zen aurrerantzean. Gogorra egingo zitzaion semetzat hartu zituen bi txerrikumeak bat-batean bere etxe aurreko etxetxoetatik ihes egin izana, zalantzarik ez. Auzokoen iseken gainetik hain leun hazi zituen bi pottoko arroxka-beltzaxka haiek horrelako traizioa burutu izanak kolpe latza emango zion. “Zerrizakur, badakit zertan ari zaren pentsatzen. Ahaztu. Utzi ezazu matraka hori. Hautatu egin du eta kitto. Ez digu galdetu ea esatekorik geneukan, ez du gure iritzia ezertarako eskatu. Bere semetxoak baldin baginen zergatik ez dio beste mokoliki horri ezetz esan, gure etxera ez bueltatzeko, ez dugula bertan nahi. Mina ez da dohainik.” - lehor Otsozerrik anaiari garo erraldoi baten pean euri-erauntsitik aterpeturik zeudela. “Berriz ere arrazoi duzu Otsozerri. Ez ote dizut arrazoia gehiegitan ematen aske garenetik? Nolanahi, bai, egia da. Uko egin digu eta orain hor du ordaina. Gure hutsunea iltzaturik geratuko zaio betiko. Merezia du. Baina suaren parean eserita irudikatzen dut, malkoetan galduta, intzirika, eta barrenak irakiten hasten zaizkit. Agian borrokatu beharko genuke gure amaren besarkaden alde. Agian arinegi eman dugu dema hau galdutzat. Agian ez gara esker-oneko semeak izan” - malenkoniaz beterik Zerrizakurrek. “Txotxolo hori. Ahaztu egin al zaizu guk lau hanka ditugula eta beste horrek bi? Ez al duzu gogoratzen Lamuk babestu gaituen arren, herriko sherpa txoro guztiak gu berriz agertu ezkero bertan seko akabatzeko irrikitan daudela? Zenbatetan estali behar izan ditugu belarriak auzoko etxolen atarietan gure arrazakide bat hiltzen ari zirela haren odolezko eta izotzezko marruak ez entzuteko? Batzutan pentsatzen dut zer garen eta nor garen zeharo nahasturik dituzula Zerrizakur. Gogoratu behar al dizut auzoko ume mokolo guztiek zenbatetan amestu gaituzten euren matraila-hezurretan jira-biraka?” - haserre antzean Otsotik baino azeritik gehiago zuen anaiak. “Bale, bale, utzi. Ez zaitez nirekin tematu. Penak janda nago eta Lamu faltan botatzen dut. Besterik ez. Pasako zait, lasai. Egunak joan eta etorri ahala basa-txerri emeren baten arrastoa usaintzen dudanean maitasunaren aurpegi berri baten esperantzak bizituko nau. Eta zu ere, ezta Otsozerri?” - barre txiki batez mutur luzea okertuz. Otsozerrik aldiz ez zion amua heldu: “ Orain ahaztu maitasunak badugu zertaz larritu-eta. Hasteko, bila dezagun ira busti hau baino txoko goxoago bat gaua blai ez pasatzeko.” - esanez gaia epaitutzat jo eta buztan kiribilduari pare bat astindu emanez atzealdea erakutsi zion Zerrizakurri latsa aldapatsu baten ondotik zihoan bidexkan behera. 5. Sutondoaren berotan arroz eta arto-garagardo beroarekin kanpoko ur-jasaren umeletik epeltzen ari zirela, Antharkeri gogoa herrira sartu berriko lehen urratsetara joan zitzaion. Adiskide zuri hori zekarren berarekin, hura zen aitzakia. Himalaiako trekkingetan lanean ari zela ezagutu zuen hilabete batzuk lehenago: atsegina zirudien, ongi moldatzen zen berarekin eta antza herri sherpa batean igaro nahi zuen denboratxo bat zer edo zertan. Bere herriko eskolan ingeles irakasle falta zegoenez, gabezia hura aipatzearekin bat, europar zuri hark baiezkoa eman zion berehala. Hortxe zuen luzaroan esperotakoa, amarengana esku-hutsik ez itzultzeko aukera. Hainbeste urtetako urrutiratzea eta gero, bazuen ezinbestekoa zitzaion argudioa, herriarentzako ingeles irakasle bat zorroan. Sarrera ez zen erraza izan baina. Herrira sarrera, familiara sarrera, auzokoengana sarrera. Zurrutada eman garagardoari eta bere burua ikusi zuen aste bete lehenago herrira heldu berri, baso itxiek babesturiko magaletan gora, auzokoak eta senitarteak agurtzen ezker-eskuin. Sherpentzat ezezagunak ziren hitz berriak ahoskatuko zituen sherpa bihurtu zuen bere burua kanpoan igarotako urteetan eta behin berriturik, umetan urratutako bidexketan gora hiriko kume gisa irudikatzen zuen bere burua. “Antharke! Ongietorria! Etorriko zara bihar arroz-garagardoa edatera gure sukaldera? Ahaztu gabe ekarri ezazu zure alboan dakarzun zuri zurbil hori ere!” - lehengusuak oihuka bide-bazterretik aurreko egunetik ikusi gabeko lagunari bezala. “Jakina Sonam! Jarri ezazu garagardo goxo hori epeletan bihar iluntzerako prest egon dadin. Zuri honek ez du ezer ulertzen baina gustura edaten du ematen diogun guztia!” - Antharkek erdi irribarrez erdi serio bidetik atera eta etxolaren atarira hurbiltzeaz bat. “Azkenekoz berdina esan zenidan aldapa beherantz zindoazela, eta 6 urte igaro ditut zure zain, lehengusu. Etzirako garagardoa berriz ere usteltzen bazait aldapa gora zatozen hurrengoan ez dizut herrian sartzen utziko. Ez horixe. Tenzing pombu aztia deituko dut herriko bide guztiak zulo bihurtu daitezen zure oinek zapaldu orduko!” - Sonam gazteak erantzun algaraka, betiere distantzia mantenduaz elkarren artean ukitu gabe. “Sonam, Sonam. Gaztea zara oraindik ere. Hiriko lagunak dakartzazun egunean gonbidatuko zaitut garagardoa edatera nire etxera. Orain ni naiz zuria ekarri dudana eta bihar zure etxolan eseriko gara ilargiak ekialdeko gailurren atzealdea hartu arte. Erregea ikusi dut, dirua zer den badakit, gure hizkuntza ia galdu dut, ez nauzu hemendik atera nintzen berdina. Baina ez ditut gure ohiturak ahantzi eta sherpa naiz. Bihar hemen izango gaituzu.” - begirada galdu xamarrak ukituriko irribarre erdiz. Antharkeri gogoa bueltaka zebilkiola, zurrut beroak, sutondoak eta belar-zigarroak irabazi zuten etxolako bazter oro. Keak sortutako korronte mugikor koipetsuak sudurrarekin igurtzi zitezkeen, betileekin are, putz soil batez forma mugikor bihurriekin irudi berriak asmatzeko aukerak sortzen ziren bitartean. Horietako batek, zerri itxura hartu zion ufada batek, ekarri zuen Antharkeren gogoa berriz banbuzko horma artera. Isiltasuna zen nagusi, suaren doinuak eta garagardoaren bustialdiek lagundutako isiltasun lodia. Kolpe hotza entzun zen ustekabean. Banbuzko atea parez pare zabalduz arnas-estuka zetorren gaztetxo fin batek oihu lehorraz moztu zuen barnealdeko hodei mardula: “Yaltseng!! Zatoz!! Altxa eta goazen bi urde zikin horien bila, hor behean ikusi ditut, ordu-erdira edo. Lamaren etxe ondoko ur-jauziaren bazterrean, gure jauzietako harkaitzpean.” Besterik esan gabe, konturatu orduko haien urrats bustien oihartzuna baino ez zen geratzen gauaren beltza erakusten zuen ate irekian. 6. Ohatze bila garo artean ari zirela, oin hotsak entzun ziren 100 bat metrotara. “Agudo Zerrizakur, baten bat dator, jaitsi buztana, jaitsi!! !” - urduri Otsozerrik anaiari muturrarekin bultza egiten zion bitartean. Gorputz sendo borobilak sasi eta adarren artean ahal bezala ezkutatu ondoren, banbu tenteen oihan hezean gora zetorren izakiari begira gelditu ziren geldi-geldi. Ez zuten oso bista onik, baina harresien artean ohiturik, begirada zorrozten ikasi zuten Lamuren etxaldean bizitako urteetan. Nola edo hala hasi ziren eurengana zuzen zetorrena irudikatzen. “Otsozerri, hori al da hainbatetan entzun dugun Mendietako Basajauna?” - Zerrizakurrek inuzente antzean. “Ixo!! Kaikua!! Bera baldin bada salduta gaude! !” - ezinegonaz dardarizo betean Otsozerrik. Ordurako 50 metro ingurura zuten bi hanketako izakiak burua haizea usaintzen balego lez mugitu zuen ezker-eskuin. Inor sumatu balu lez. Baina berehala lasaiturik edo, ziztu bizian ekin zion aldats gora zekarren norabideari. Gihartsua eta arina zirudien, iletsua, hostoek sortutako soinuari aiduru, urrats sakonekoa. Zalantza gutxikoa. Zerrizakurrek, seko izuturik, une batetik bestera Otsozerri besarkatzeko jauzi egingo zuela zioen begiekin. Anaiak, burua zein ahoa mugitu gabe muturra okertuta, argi utzi zion imintzio bakar bat egin ezkero bere betiko gorrotoa irabaziko zuela. Oihaneko bero zapak izozturik, horrela eutsi zioten bi muturluze arrostuek izaki beldurgarriaren etorrerari. Pausuz pausu, iratzez iratze, banbuz banbu, azken uneko birarik ezean eurengana zuzen zetorkien, eta, Zerrizakur eta Otsozerri zerbait baldin baziren, izu-ikarari erraz harrera egiten zioten bi ume ziren. Urteetan aurrera joanak ziren, baina Lamuren magalean hazitakoak ziren, bere etxola-sehaskan etzanda hezitakoak, bere eskuetatik aia eta esnekiak dastatuz elikatutakoak. Eta orain, askatasunaren bila ekiterakoan guzti horrek bere ordaina zekarkien. Borrokan ez zekiten, ez zuten hortzik ezta erasotzeko eztenik. Ezta akuilurik. Zer egin maldan gora gero eta hurbilago ageri zen hanka-biko erraldoi haren kontra? Himalaiako basajaun hark ez zuen itxura bereziki oldarkorrik. Errazago zitekeen herrixkatik erbesteratzera behartutako seme ez-onartua haranez haran odolaren xerka ehiza amaigabean bizi den izaki madarikatua baino. Bata edo bestea izan, zerri bikotea asaldatzeko nahikoa zen haren oin-hotsaren hurbiltasuna. Nolanahi, beldurren iturri oinkaria bidexkan gorantz zetorrela Otsozerri eta Zerrizakurren albotik igaro zen gelditzeko keinurik batere egin gabe. Euren alde izan zuten oihanak parez pare ezarri zien babes banbu-hesi hertsia. Eta ondorioz, ez zuten lipar batez gainera etorritako galdera erauntsiaren soluziorik ezagutu beharrik izan. Berdin zion basapiztia, sherpa onbera galdua edo gandu itxiak eskainitako irudipen amestua izan, finituak ziren nahigabeak. Mirabetza finitu zuten bezala, oihaneko deabru guztien gainetik pasako ziren. Haiena baitzen euren etorkizuna. Askeak ziren. 7. “Tikpa, nola aurkitu dituzu ba bi sasikume horiek? Ez ziren arroz-potxingo batean txipli-txapla ibiltzeko bezain kokoloak izango ezta?” - Yaltsengek indarrez. “Zozoak ez adiskide, mika maltzurrak dira bi horiek. Halere, aiton-amonek erakutsi ziguten sherpak beti mirotzari adi ibili behar duela oihanean.” - Tikpak hitz-erdiz. “Eta zer esan dizu ba mirotzak?” - jakin-minez. “Ahots ozenez esan dit gure lapikotik luzaroan ihes egin ostean, euren etxolatik alde egindako bi urde txepel zeudela erreka-zuloan lardaskeriatan.” “Eta besterik esan al dizu ba mirotz berritsu horrek?” - Yaltsengek zirikatzaile. “Badakizu aztoreak ez bezala, mirotzak haran-zulora doan haize ufada hartzen duenean haren hitz-etorria oso aberatsa izaten dela. Ala hori ere ahaztu egin al duzu Yaltseng?” - zuzen Tikpak. “Niri argi hitz egin faborez Tikpa, ez daukat misterioetan aritzeko gogorik. Zerri pare horren bila ari gara, ez gaude hain gustuko dituzun azti-saio amaiezin horietako batean.” Yaltsengek ez zuen espero hizketaldi hark hartutako txirrista labainkorra. Eta urde-ehizak eskatuko zien lan gogorrean sartu baino lehen, nahiago zuen hats haiei, etxola hertsietako usain geldoei nola, freskura pixkatxo bat eman. “Yaltseng, badakizu ni erro oneko ezpala naizela. Lobsan Lama Sherparen semea nauzu, eta haurtzarotik ondo ikasitako aitaren esanak zintzo jarraitzea estimatzen dut beste edozeren gainetik. Horregatik arimaren muinean min egiten didate arta-soroak eta etxolak gurutzatzen dituzten gaizki-esanek. Raksiak eztarrian uzten duen zapore garratza dela, belarren keak direla, diruaren soinua dela…Zure gainean hitz gogorrak entzuten dira gauero sutondoz sutondo, eta egia badira, etorkizun eskasa duzu herrian lagun.” - gogor Tikpak. Yaltsengek ez zuen sorpresarik agertu Tikparen hitzak jasotzerakoan. Entzungor egiten zuen halakoetan, maiz gertatzen ziren errieta haietan. Tikpa bere adiskide mina zen baina, eta ez zuen bere ahotik halakorik espero. Min egin zion bai. “Arin Tikpa, Lamuk gure beharra du.” – hotz gehitu zuen Yaltsengek saltaka zihoala, aldapan behera sandalien gomaz harriz harri zapalduz. 8. Lasto idorren gainean bizitzera ohituak, garoen ferekak laztanak ziren haien izterretan. Kirioak dantzan jartzen zizkieten teilatupeko ur-tanto haiexek, zuhaitz hosto zabalen azpian ametsetako dutxa bihurtuak zitzaizkien orain. Urteetan artaburuak jaten oka egin arte aseak, askatasunean edozein ziza zein sustrai goi-mailako sukaldaritza zitzaien. Dena zen erotzeraino bizigarri paradisu berri hartan. Horren bila egin zuten apustu eta azkeneraino eramango zuten haien apustua. Zer hoberik aske bizitzen ikasi behar duten bi zerrirentzako janariz beteriko oihan abegikorra baino? Zer maitakorragorik gizakien agintearen ordez loreek eta onddoek gobernatzen duten basoa baino? “Eguzki gose naiz Zerrizakur” - Otsozerrik labur. “Nik nahiago nuke basurde eme lerden bat” - Zerrizakurrek desiren munduan murgilduta. “Eta zer diozu ezkurrez betetako ohatze bati buruz?” “Lokatz epelez buztindutakoa bada ados.” “Sortaldeko gailurretatik agertu eta ekiak hegitik bero eta zabal jo arteraino jaiki beharrik eskatuko ez digun goizez beterikoa?” “Horixe bera Zerrizakur. Bertatik ortzadarrek kolorez estaliko duten ortzia ikusiko den ohatze busti bat.” “Hori al da askatasuna Otsozerri? ” “Hori eta askoz gehiago mozolo. Inoiz amestu gabeko mundua daukagu eskura, zapore, ikusmira eta bizipen pentsaezinez betea. Jaramon egidazu, gaur da eguna bizitzen hasi garena eta hemendik aurrera gizakiek ukatu izan diguten guztia dastatuko dugu. Hasteko hartu ezazu oinazpian duzun banbu-ziza hori eta barrura! Irentsi!” Zerrizakurrek ziurtasunez horzkada bakarrean ziza jan, tartetxo batez murtxikatu, eta pozik, ozen oihukatu zuen:”Otsozerriiiii!!! Aske gara!!! !. 9. Antharkek bitartean etxolan eszena guztiaren lekuko gonbidatua zen gazte zuriarekin solasean ziharduen. Arto eta arroz garagardo epela gustura edan, artaburu erreak prestatu eta jan, hilberritan erretako oilasko zatitxoak bata bestearen atzetik gozatu, alkoholetan ondutako banbua suzko txili-piperrez lagundurik dastatu… bisitariari harrera beroa eskaini nahian sherpa herriaren gutizi guztiak bertan ziren. Ez zekien heldu berriak zer irizten zion haien jakirik onenei, baina apur bat ezagutzen zuen, batera egin zuten trekking garaitik hain zuzen. Eta edo aktore aparta zen, edo benetan ari zen guzti haiekin gozatzen, etengabe luzatzen baitzuen eskua sutondoko eltze eta platertxoetara. Etxolan ez zen ia argirik, pare bat linterna zahar eta suaren itzalak baino ez. Dena den, nahikoa ke lainope ilun hartan guztiok elkarren mugimenduak erraz ikusi ahal izateko. Gustura zegoen bai, ez zuen uste plantak egiten ari zenik. Berarekin etxez etxe ibilia zenean inoiz ez zuen kexarik agertu. Beraz, ez zuen orain bere familia etxera eraman zuenean zertan aldatu. Sherpen herri batera joan nahi zuela esan zion mendian eta berak bere herrira ekarri zuen. Pozik egon beharko luke, eta horrelaxe ematen zuen. Bai bere amaren sukalderako esku trebea dastatzen zuenean, bai artasoroen arteko bidexka eta karkabetan ibiltzen ikusten zuenean. Nolanahi, bisitariak ez zuen hantxe egosten ari zenaren arrastorik ere. Barre egiten zion bere amak esaten zizkion hitzei, zer egingo zion ba, tutik ere ez bazuen sherpa hizkuntzatik ulertzen. Barre, zeri eta amak aurrez aurre zuen semearen kontra botatako akusazioei. “Badakizu bizargorri, zure lagun Antharkek, nire seme Antharkek, 6 urtetan ez dit jaramonik egin. Alde egin zuen eta hemen eduki nau zain. Nola espero duzu zure lagun Antharke, nire seme Antharke, etxera bueltan datorrenean hartzea? Zer egingo zenuke zuk bizargorri? Esaidazu zer egingo zenukeen zuk arren. Edo zer egingo zukeen zure amak. Urrutikoa zara baina amak eta semeak denak gara berdinak munduan. Nik jadanik sartu zaitut gure etxean, beraz emaidazu erantzun bat. Zuk zer egingo zenuke?” - Lamuk behin eta berriz zuriari. Afaldu bitartean, afaldu ostean, afaldu osteko zigarroen erretzean. Antharkek bazekien amak ez zuela etsiko. Ez zuela ulertzen gazte heldu-berri hark ez zizkiola bere galdera errepikatuak erantzungo. Lamu zen, bere ama. Tematia, eta berarentzako ulerbera ez zen bezala, sukalde hartan esertzen zen beste inorekin ez zen ulerbera. Agian bai, agian Yaltseng izeneko nerabe harekin bai, alkoholetan amatatzen zituztelako elkarrekin bien nahigabeak. Beste inorekin ez ordea, eta are gutxiago bere seme Antharkerekin. Ez zion barkatu 18 urterekin gailurretara lanera joan izana, eta behin bere besoetako mutil-koxkorra etxeko ataritik desagertuta, ez zuen berarentzako biguntasun amiñirik gorde. Dena zurruntasuna, hoztasuna, distantzia. 6 urteren ondoren herrira itzulita, bere barnean gorderik zuen ama berreskuratuko zuenaren itxaropena. Hantxe zuen ordea ihardespena. Bere adiskide bizargorri zuriari eginiko norabide bakarreko galdeketan. Norabide bakarra. Berea ere bizargorriari lotua, Kathmandurako bidean. 10. Yaltseng eta Tikpa ez ziren garaiegiak, oraindik ere gaztetxoak ziren eta. Ez ziren indartsuegiak, oraindik ere soroetan besoak gihartzeko denborarik izan gabeak. Bi adiskideak ez ziren trebeegiak herriko futbol-zelai bakarrean, beraiek baino gazte arinago eta abilagoak ugari baitziren herrian. Aitzitik, biziak ziren biak ala biak, oso biziak. Eta goiz hartan, lehen eguzki izpi laranjekin batera, Lamuk etxe-aurreko iturrian aurpegia garbitzen zuen unean berean, haien bizitasuna zedarritu zuten. Orduantxe, etxolaren gaineko maldan 30 kilodun belarri-haundi bana bizkarrean huntzaz lotuta zekartela agertu baitziren, erakutsiz ez zirela gehiago bi ume. Agian ezta bi nerabe ere. Gizon sherpa zailduak ziren jada. Yaltsengek bernak sastraken urradurez zaurituak zituen, Tikpak aurpegia ubelduraz josia. Antza ez zen erraza izan bi urde abenturazale haiek heldu eta lotzea. Zer esanik ez horiek bizkarrean zamatuta Lamuren etxolaraino karga-karga eginda eramatea. Zailtasunak zailtasun, han ziren bi ehiztariak euren harrapakinekin. Harro, akiturik eta errekonozimendu merezidun. Gaztarotik igaro gabe, nerabe izatetik gizontasunera jauzi eginda. “Ai ene!! Baina, baina, baina… ai ene!!! Yaltseng, ondo al zaude?? Tikpa, zer duzu aurpegian?? Budaren izenean... gau osoa bi mutur-zikin koldar horien atzetik lasterka…” - Lamuk atetik oihu batean. “Lamu!! Bi hauek ukuilura zuzenean eta guretzat raksi berezi horretatik apur bat!! Horrekin nahikoa dugu! !” - Yaltsengek deiadarka bat-batean gizondurik. Jarraian, adiskidea bilatuz: “ Tikpa, gaur utziko didazu raksi apur batekin ospatzen, ezta? ?” - ahots suabez aukera probestuz. “Motel, gaurkoarekin irabazia dugu mozkorraldia. Bihar, biharkoak! !” - Tikpak nekea zerion irribarrez. Lamuk Yaltsengen eskaria entzun eta ziztu bizian etxola barrura jo zuen bere raksi botila onenaren bila. Sutondoan oraindik ere lozorroan ageri ziren Antharke eta azal zuria, gertatzen ari zenetik urrun. Oso urrun. Hala ere, Antharkek loa arina zuen eta kanpoaldeko zalapartak erdi-esna utzi zuen. “Zatozte barrura ene kumeok. Gau osoa oihanean eman eta gero epela behar duzue eta. Berehala prestatuko dizuet jateko zerbait. Bitartean har ezazue raksi basokada bana.” - etxeko andereak raksia edateko erabiltzen den egurrezko ontzi bana Yaltseng eta Tikpari ematen zien aldi berean. Bi gazte sherpak zeharo nekaturik zeuden, indarge, ia hitzik esateko kemenik gabe. “Zuek lasai, egon lasai. Hartu patxada. Hori bai, jakizue gaurtik aurrera nire seme berriak zaretela. Zuek egin duzuena urtetan ez du inork nigatik egin. Orain arte ongietorriak zineten sutondo honetan. Gaurtik aurrera sutondo hau zuena ere bada.” Bi gazteek begiak altxa gabe, edalontziari zurrupadaka. “Begira hor lo dagoen txatxu hori. 6 urtean ez da nitaz gogoratu ere egin, bart beste bi urde esker-txarreko horiek alde egitean hemen zegoen eta zer egin du? Bere laguntxo zuriarekin lo lasai gelditu.” Yaltseng eta Tikpak bazeukaten haien sendia, haien ama, haien amona. Han ezin raksirik edan baina, eta zer hoberik Lamurenera nahi bestetan botila hustutzera joatea baino. Plazerrez entzun zituen Yaltsengek hitzok. Tikpak hainbesterako nekea zuen batere jaramonik ez ziola egin Lamuren esanei. Antharkek, lo zirudien arren, bere amak esandako guztia entzun zuen. Argi zuen. Bai, norabide bakarra, bizargorriari lotua, Kathmandu. 11. “Otsozerri, entzun duzu nola deitu gaituen Lamuk?” - malko betean Zerrizakurrek. “Bai Zerrizakur, bai! Mutur-zikin koldar! Bai Zerrizakur! Entzun dut! Mutur-zikin koldar! Mutur-zikin koldar!” - zeharo erneaturik Otsozerrik. “Akabo gure ametsa, akabo gure bizitza.” – eta herioren izuak baino sortzen ez dituen marruen zurrunbiloaren menpe utzi zuen bere burua erortzen. PATHIREN BELARRIKO MINA Hirira joan beharra zeukan goiz hartan Pathik. Belarriko mina gainetik kentzen ez zuenez, aita-amak larritu xamar zituen. Haurra izanagatik ere, bazekien zer edo zer zeukala belarrian, herriko pombu edo aztiek berarekin egindako dantza-osatzaileek kendu ez ziotena. Halere, ez zeukan inora joateko gogorik eta are gutxiago hiru eguneko bidaia eskatzen zuen Biratnagar hiriraino bidaiatzeko. Klasea galdu beharko zuen astebetez, eta berak ez zuen klase egun bakarra ere galdu nahi izaten. Hain ondo pasatzen zuen han!!! Eskolaren aurreko zelaian egiten zituzten jolasak, korrikaldi zoroak, dantza libreak eta irakasleak gidatutako zirkulu-ariketak maite zituen, klaseko leihotik begiratu eta hodeien gainetik ibiltzea beste. Anaia Tsoktuk bizi zen Biratnagarren, azken urtean ikusi gabea zeukan anaia nagusia, etxean zegoenean hainbeste barre eginarazten ziona. Sangye aitaren bidearen jarraitzailea, zamaketari hasi zen nerabe zela. Aitak diru pixkat egin zuenean Kathmandun kokatutako txerri-etxalde bateko jabe bihurtu, eta txerriei esker egindako sos apurrekin, Tsoktukek mendiko lan gogorra utzi eta Indiarekin muga egiten zuen Biratnagarrera hegoalderatzeko aukera izan zuen, bertan erdi-mailako komertzio ikasketak burutzera. Mendiko asto-lana ez-egonkor bezain gogorra zela bazekien aitak, eta beste edozein aita sherparen antzera, ez zion semeari berak aldatzetan zurien zerbitzura bizkarrean 40 edo 50 kilorekin jasandako jipoi latzik opa. Horregatik, aurrezki gutxi batzuk pilatu bezain laster, Tsoktukek 16 urte bete zituenean, mendiko lanetatik atera eta ikastera bidali zuen lautadetako mugako hirira. Pathiri ordea, anaia Tsoktuk desiratua ikustearen ilusioak ez zion atsekabea baretzen: ez zeukan bere gaiztotutako belarriak eskatzen zuen mediku bereziarengana joateko inolako gogorik. Lehenengo 12 ordu oinez ibili bailara sakonean barrena, gero bere etxeko sutondoaren goxotasunetik ezertxo ere ez zeukaten Ilam eskualde buruko hotel kaxkarretan lo egin eta azkenik bi egun oso inurritegiak baino populatuago zihoazen autobus eta jeepetan emateko ikusmirak, ez zuen batere gogobetetzen. Iaz amak lagunduta anaiarengana arazo berberak eraginda joan zenekoa gogoratzen zuen, eta ibilaldiak ez zuen poztasunez betetzen. Dibertsiorako aukerak izan zituen, kasurako autobusean sherpa hizkuntzaz bestelakoak ziren eta inoiz entzun gabeko hainbat doinuren esanahia ama Sanydarekin asmatzen aritu zenekoa edo egun osoa parean egokitu zitzaion neskatxo batekin izandako esku-zarta-jolasetan eman zuenekoa. Baina ez zuen bidaia haren oroitzapen bereziki onik. Pathiren nahigabe muturluzeak gorabehera, Sangye aitak eskutik heldu eta familia-etxalde aurrealdean zain zeuden bidaideekin bat egin zuten goizean goiz. Luzamendurik gabe ekin zioten egun osoa hartuko zien jardunari. Gauzak ondo, iluntzerako Ilam eskualde hiriburuan ziren arroza eta dilistak afaltzen herrikide batek bertan zuen ostatu merkean. Sukhetar izeneko euren herrian esan ohi zenez, ohatzez ohatze, herria bukatzen zen erreka-zintzurretik Kathmanduraino irits zitekeen herria utzitako sherpen etxe zein ostatuetan lo eginez. Apur bat luzatuta, Arabiar Golkoko Erresumetara, Londresera eta New Yorkera ere helduko litzateke arta-hostoez eta artilez bigundutako gau segida hori azken urteotan. Inoiz guzti horietara bidaiatuko bazuen, Pathik aurreko urtean belarriko zornearen isuria moztu zion medikuarengana joan beharra zuen berriz ere. Abiatu ziren bada, aldapa luze-luzean, maldan behera, mendi-girotik bero-zapa tropikalerako txirristan bezala. Abian zirela, Pathi lerden zihoan, jostari, esaneko bezain tente. Bere bost urtetxoekin, 12 orduko ibilbidea hondartzarako sandaliekin egiteari ez zion zailtasunik ikusten, eta tarteka-marteka, oinek harri koxkorren batean kateatuta geratzen zitzaion sandalia galdu arren, neskatoak ez zuen bidea egiteko batu zen taldetxoaren erritmo bizia mantsotzen. Bost laguneko multzoa zen Sukhetarretik abiatu zena, inguruetako hiriburu zen Ilamen autobusa hartzera zihoana. Pathi, bere aita Sangye, lehengusu Sujam, bigarren lehengusu Antharke eta Antharkeren adiskidea zen azal zuria. Denak lerro bakarrean artasoroetatik oihanera, oihanetik arrozaren eremu terrazaz mailakatuetara, arroz-landaketen urmaeletatik trokan behera zetozen uhar trumoitsuetako oihanera, jarraian berriz maldetan bihurrituriko arroz-landareen lerroek zizelkaturiko ordeka kizkur bustietara. Sartu-irten, sartu-irten. Luze. Eta Pathi beti isilik, aitaren eskutik helduta, hondartzarako sandaliekin ttipi-ttapa. Erritmo biziz, bere gorputz txikitxoak zenbaterainoko bizindarra gordea zuen urratsez urrats munduratuz. Aldapetan jaioa izateak zer esan nahi duen gorpuztuz. Bailararen sakonean hezetasuna eta sargoria ziren nagusi, bidaiarien bustidura izerdiak, giroaren umeltasunak edo basoko izaki hiztun berriak ziren kardamomo landaketen makina ureztatzaileek isuritako ur-txorrotadek sortua zen ezin jakin. Oihana bizirik eta bizi zegoen. Kathmanduko kale zaratatsuak beste. Zuloan neska gaztea aizkorakadaka, botatako enborraren gainean oinutsik egurretan. Lauak aldapari tarte bat irabazitakoan, kardamomoa sartzeko oihanpeko soiltze lanetako langile ixilak, lurretik bizpahiru metrora eraikitako banbu eta plastikozko etxola ketu inprobisatuetan geldi, atsedenean zaintzaile. Ertzean, goldea bufaloari lotuta ildoa jorratzen ari zen nekazaria, oinutsik bufaloa baino babesgabeago lur bustietan belaunetaraino sartua. Oihana utzi eta lau etxetako auzoa, auzokide bakan batzuk agerian zituena. Diosalik gabeko begiradak. Hitz gehiegirik ez. Ez dago geldialdirik, ezta harreman berezirik hasteko beharrik, begien arteko trukea baino ez. Aurreraxeago, linbuni eta rai etnietako etxe-multzoak pasa ondoren, sherpak berriz agertu eta orduan bai: nora zoazte, zelan han goitik, nor da zuri hori, aita Kathmandura joan al da, katzu zigarro bat, neskato hori noren alaba da, totzi arroz-garagardo chang katilukada bat, ezin dugu presaka gabiltza… Gainaldeetako Sukhetarretik urtean lau arroz uzta ematen dituzten lur emankorragoen bila jaitsitako familia bat zen. Eta eskualde bereko sherpen artean ohi bezala, nola ez, Sangye espediziokidearen senitartekoak ziren etxe hartakoak. Etxaurreko emakumearekin oihu batzuk gurutzatu ondoren, aurrera segizioak, hurrengo atsedenaren zain. Bide erditik gertu, Bhandipur izeneko herritik ez urruti, eguzkiak goia jo zuen. Beroak goren eta urtu beharrean zeudelarik linbuni familia baten etxean geldialdia egin zuten. Pathik ez zuen ezer eskatu baina aitak bazekien holakoetan fruta zuku batek bere onera ekartzen zuela alabatxoa. Hortaz mutilentzako nahi besteko katilukada chang eta Pathirentzako zukua. Sherpa taldeak eta etxeko linbuni emakumeek nepaleraz ekin zioten elkarrizketari, nahiz eta guztiek bestearen hizkuntzak elkar-ulertzeko adina ezagutu. Pathik, behin zukua eskutan, gogoa Sukhetarreko artasoroetan zuen berriz, hain justu oraingoan aitak bufaloak zituen ordekaren azpikoetan. Hura zuen bere txokorik maiteenetakoa, ahizpatxo Mimgma eta auzokide Tseringekin tximilikuarteka jolasten zutenean ezkutatzeko lehena aukeratzen zuena. Han zuen gogoa, aurrez aurre beste mutil koxkor bat agertu zitzaion arte. “Kaixo, ni Saran naiz, eta zu?” - esan zion nepaleraz. “Ni Pathi” – berak ere eskolako nepaleraz. “Nora zoaz? Etxetik urruti?” – Saranek lotsati, linbuniek hitzei emandako goitasun ia-oihukariaz. “Medikura naramate, anaiaren hirira, belarrian min dut” – Pathik ere lotsati, sherpak ez ziren haurrekin hitz egiteko ohitura handirik gabea. Klasean bazegoen irakasle rai baten alaba, baina heldu berria eta herritik kanpoko bakarra izaki, ia inoiz ez zuen berarekin hitzik gurutzatzen. “Belarriko mina? Nik ere izan nuen, eta badakizu? Amak sendatu zidan” – harrokeria puntu batez, bisitariak zeudela entzun bezain pronto etxeko ganbaratik lasterka jaitsi zen 6 urteko gaztetxo biziak. “Nirea ere saiatu zen, eta aita, eta aitite, eta auzokide Lobsan Lama, eta herriko pombu guztiak. Azkenean anaiaren hirira joan nintzen eta han arropa zuriz jantzitako mediku batek ia sendatu egin zidan aurreko urtean. Berarengana noa berriz” – etsipen hasperen suabe batekin bukatuz esaldia. “Nahi baduzu nire amari esango diot zu sendatzeko” – triste xamar ikusi zuen Saranek Pathi eta, amaren sendaketa indarrak eskainita, bere oparirik onena egin nahi zion. “Bai? Benetan?? Aitari esango diot. Orain anaiarengana goaz, baina agian bueltan hemen gera gaitezke eta horrela zure amak guztiz sendatu!” - irribarre zabala eta oparoetan oparoena erakutsiz bere lagun egin berriari. “Nahi baduzu oraintxe esango diot!” – Saranek emozioz. “Pathi! Bukatu zukua bagoaz eta, ilundu baino lehen Ilamen egon behar dugu. Etorri laztana, bagoaz eta” – Sujam lehengusuak maitekor Pathiri, aita Sangye etxe barruan ordaintzen ari zen bitartean. Sherpen artean haur zaintzak ez zuen aita eta amaren figura soilik hartzen, eta etxekoen, senitartekoen zein auzokideen artean nabarmena zen ingurukoen umeekiko ardura. Horrela, Pathi herritik aitaren eskutik helduta atera bazen ere, orduak aurrera joan ahala batzuetan inoren eskutik heldu gabe zein lehengusu baten zein bestearen eskutik helduta egiten zuen aurrera, beti erritmoari eutsiz, inoiz ere aitazulo agertu gabe. Sangyeri entzun eta Saran lagun berria agurtu beharra Pathik: “Hobe bueltarako uzten badugu Saran. Joan beharra daukat. Zure amaren ukenduak itzulerarako.” – bota zion agurrerako luzimendu gehiegirik gabe. “Ondo da Pathi. Ama prest izango duzu bueltan” – bere hitzari sendo eutsiaz. Sherpa asko igarotzen ziren euren etxaurretik baina ez bazen arrazoi bereziren bat tarteko, gaixoren bat zela edo ekaitzak jotzen zuela edo umeren bat zebilela tartean, ez zuten euren etxepeko ostatu-denda xumean geldialdirik egiten. Diru gutxi zutelako gehienek, eta beti erdi-korrika zihoazelako sherpak, euren herritik eskualde burura eta eskualde burutik euren herrira. Ohitua zegoen Saran sherpak ikusten, ohitu gabea sherpak ezagutzen. Eta are gutxiago bere urtetako neskatila txirikordunekin hitz egiten. Linbunia izaki, nepaleraz ere ozta-ozta moldatzen zen, eskolan erdipurdi ikasiarekin doi-doi. Halere, Pathirekin hitz egin ondoren ohartu zenez, adinkide sherpak ere dezente traketsak ziren nepaleraz. Horrek hurrengo baterako adoretu zuen. Ordutik aurrera ostatuan gelditzen zen ororekin hitz egiteari gogo biziagoz ekingo zion, duda barik. Hori erabakita, bisitariak ahaztu eta ganbarara egin zuen jauzi ziztu bizian. Prest ziren denak edari kontuak kitatuta Sangye linbuni etxetik atera zenerako. “Goazen adiskideok, laster ahulduko da bero-zapa. Gauzak ondo, bost ordutan Ilamen gaude. Zer moduz zaude Pathi maitea? Ikusiko duzu zein afari goxoa edukiko dugun ostatuan!” – amultsu aitak alabari, aurretik zituzten orduak gogoan haurrarengatik pairatzen. “Ondo nago aitatxo. Zukua oso goxo zegoen!! Zenbat denbora zukurik hartu gabe!! Beste bat hartu ahal izango dut bihar ezta? ?” – ia-ia saltoka. “Adooossss, biharko beste zuku goxo-goxo bat! !” – alabak erakusten zuen adoreaz barrua horditurik izan arren, suabe eta imintzio handirik gabe. Bazihoan bada segizioa arroz-soro ureztatuetan barrena, abere, animalia, zomorro, hegazti zein bidexketatik eroritako bizilagunen igerileku inprobisatu. Urak irabazitako ingurune mailadiz josia, putzutik putzura metro erdi eskaseko xendra uzten zuena, goitik behera, ezker-eskuin abiatzen ziren bizilagunak igaro zitezen. Pistarik ez inguruetan, bufalo zamatsu baten pasatzeak eskatzen duen besteko zabalera baino ez. Eta linbuni adiskidearen ostatutik atera berri, igarobidea mozten zien bufalo erraldoiarekin topo. Blaust, geldi, hormatzarra. Erraldoia gorputza, demasekoak adarrak, eromenaren begirada geldoaz ibiltariei so. Pathik bereziki zituen gustuko bufaloak, eta etxaldean zituzten bostak ia-ia jolas-lagun gisa ibiltzen zituen: otzanak ziren oso eta txintik esan gabe beraien gainera egiten zuenean jauzi ez ziren aztoratzen, bufalo-taldea zelai batetik bestera mugitzeko ez zuen ia ezta txintik esan beharrik izaten, inoiz ez zuten euren arteko istilurik sortzen… itxura xelebreko panpinatzat zituen Pathik, eta ez zen bakarra horrela hartzen zituena sherpa umeen artean. Hain zen zabaldua bufaloen jostailutasuna, ez zela arraroa, jolas-parkean bailiran, bazkan ziren bufalo taldetxoak ezkutatzen zituzten oihan txatalen artean haurren barre-algarak entzutea. Haatik, maitasun basati hark bazuen beste aldea: bufalo esnea zen Pathik maiteen zuen edaria, kartoitxoetan zetorren fruitu-zuku modernoak baino luzaz maiteago. Esne mingotsa zen, sarkorra, lodia. Ez zegoen ordea ume sherpa batek gehiago desio zuen katilukadarik. Bufaloen esnea ia beti gurinetarako erabiltzen zuten abeltzainek, eta etxe bakoitzean apur bat baino ez zen gordetzen abagune berezietarako. Ezkontzetan banatu ohi zen bikotearen hurbileko familiak edan zezan eta bestela gorputzaldi txarretan: marranta bat zela, tripako min bat, sukar ezohiko bat, artatxiki-ardo mozkorrak ekarritako larritasuna... Horiek soilik zuten bufalo esnearen pribilegiorako eskubidea, eta teilatupe bereko familiaren ezkontzak urriak zirenez, ez zegoen ume sherparik etxeko azken txokoan gordetako kuian zegoen esne bereziari tragoxka bat ostutzeko inoiz tripako mina apropos gaiztotu ez zuenik. Bufaloa ikusi eta Pathik esnea gogora. “Ummm… ze onaaa!! Eskerrak belarriko minaren kontura azken garaiotan nahi beste edan dudan” – bere kolkorako, bidaiari ekin aurreko tragoxkak gogoratuz. Baina Sukhetarretik kanpo bufalo guztiak antza hain otzanak ez omen, eta arta-soro bustien arteko bidexkan gurutzatuta zenak erabaki zuen ez zela bertatik mugituko taldetxo haren eginahalak gorabehera. Denek uretara jauzi egin behar aurrera segituko bazuten. Sartu uretara beraz, belaunetaraino busti, bufalo erraldoiari eskerrak eman eta aurrera. Gutizi patxadatsuaz marraztutako arroz igerilekuek oihanari egiten zioten berriz tokia bailararen azken tartean. Zigortutako oihana izanagatik, oraindik ere zaratatsua, itxia eta umela. Goialdeetako kardamomo soroetatik salbu, ihi, ira, garo mota, forma, kolore eta neurri guztiak biltzen zituen oihana. Behin han zuloan Bhandipur herria agertzearekin bat, bortizki amiltzen zen bidea pista lokaztuan, ertzetik ertzera banbuz zizelkaturiko oihanaren ongietorri pankartek mendietako mundu galduari agur esateko tenorea heldu zela ohartaraziz. Bhandipur zen diruaren munduaren hasiera Sukhetartarrentzat. Han zeuden lehen dendak, lehen poliziak, lehen land-roverak, ostatuak, traktoreak, lautadetako nepaldar ilunak, komertzianteak. Han lehen plastiko poltsa pilatuen zabortegi inprobisatuak. Han ohatzetarako garoz gabeturik hazitako zerrien lehen kiratsak, kutxetan zetozen lehen botikak, ohiko zubi eskegiak porlanezko bihurtzeko lehen lanak. Eta guzti hori gutxi balitz, Katchenjungatik zuzenean zetorren ibai kementsuaren freskurak inolako eraginik ez balu lez, Pathik inoiz ezagututako lekurik beroena zen Bhandipur. Hotzak jota zegoenean eskuak sugarretan zuzenean jartzen zituenean ere ez zuen horrelako berorik ezagutu! Irakinaldian zegoen eltzea, horixe zen Bhandipur mendiko edozein seme-alabarentzat, eta Pathik bere bigarren aldia zuenez bertan, zinez izerdialdi desatsegina sufritu zuen haizerik gabeko zulo hartatik aldapa gora ihes egin zuten arte. Azken txanpa zuten desiratutako Ilamera heltzeko. Aurrean 1.500 metrotik gorako aldapa, beste hiru ordu erritmo finean. Eta arrastiria hurbil. Arin ibili behar ostatuan ilundu aurretik egoteko. Ibilaldiko nekea zamatzen zihoan guztiengan, nabarmenki pausu eta oin txikiko Pathirengan. Aitaren eskutik hartuta orain, auzokidearen eskutik gero, nekeak isiltasunean murgilduta zeraman neskatoa. Bufalo esnea, artasoroetako zuztar gozokiak, aurreko egunean haurren artean eromena sortuz eskolaurreko futbol zelaitik pasatu zen yak karabana, etxean utzitako ahizpatxo ia-jaio berria altzoan, bidean ezagututako linbuni mutil koxkorra. Denetik zerabilen Pathik gogoan, beste edozein ibiltari zailduk lez. Arranguretatik urruti. Gutxienez, nekeak neke, basoan zenbat eta gorago, Bhandipurreko giro itogarritik gero eta salbuago. “Aita” – Pathik taldekideen oin-urratsen eta oihaneko soinu zalapartarien arteko lehiari bere ahots jostaria oparituz. “Zer alabatxo?” – Sangyek alboan zihoan haur txirikordunari begiratuz. “Hurrengoan etorri al daiteke Tsering nire laguna gurekin?” - orain arte ez zen ausartu aurreko egunez lagun-mina zuen Tseringekin izandako elkarrizketaren ondorioa aitari zuzentzen. “Zer ba Pathi? Nirekin eta gure bidaia-lagunekin aspertzen al zara ala?” “Ez, ez. Ez da horregatik aitatxo! Tseringek ez du inoiz gure herrixkako etxeak baino askoz altuagoak diren Ilamekoak bezalako etxerik ikusi, eta nola aurrekoan kontatu nion iaz egon ginen ostatua oso altua zela… gaur bertan egingo dugu lo berriz ere, ezta?” – neskatoak egun osoa oinez eramanda ere, freskotasun harrigarriz. “Badakizu ez dugula gonbidapenetarako dirurik eta Tseringek gurasoek are gutxiago. Dena den, ostatuko jabe den Jakmu Sherpa gure lehengusua da eta seriotan badiozu, hitz egingo dut berarekin hurrengorako. Bai? Hara Pathitxu! Hortxe dugu ostatua! Ikusten han goiko argi haiek? Horixe da gure gaurko helmuga. Ia-ia heldu gara!” - esan zion alabari bozkarioz, ahotsa altxatu gabeko irribarre zabalaz. Pathik pozik entzun zituen aitaren hitzak. Eskutik gogorrago heldu zion eta gorantz jarraitu zuten hitzik gurutzatu gabe. Gainontzeko taldekideak apur bat aurrerago zihoazenez ez zuten elkarrizketa entzun. Nolanahi denek zekiten bukaera hor zela, zuriak salbu, jakina. Hari bere lagun Antharke Sherpak esan zion: “Hortxe dago gure gaurko aterpea”. Emari oparoko bide bazterreko iturrian zuriak ez beste guztiek ur fresko txorrotada edan eta aurrera. Ilunpetan egin zuten azken ordu erdia, 6 solairutako txapa eta oholezko eraikin dardarakor batera heldu ziren arte. Horra Yakmu Sherpa sukhetartarraren ostatua. Ilam inguruetako hiriburua, hiru kale luzeko herri konkortua. Iparrera Katchenjungaren mendilerro izoztu arranditsua. Ekialdera Pattibhara tontor sakratu sinkretikoa, hindu, budista zein sinesmen zahardunen erromesaldietako helmuga zen piramidea. Mendebaldera oihanek ia gailurretaraino estaltzen zituzten malda amaiezinak, han nonbait bailara luzearen sakonean Sukhetar ezkutatzen zutenak. Eta hegoaldera errepidea. Mundu berrietara zeraman zauria. Ilam mendialde hartako eskualde burua zen, hiriburuek dituzten azpiegitura gehienekin hornitua. Erdiguneko kale komertzial eta institucional bakanetatik kanpo, etxe solteak nonahi. Eta hesitutako urdeak. Erdi zerri erdi basurde. Pathik Ilam zapaldu zueneko lehen aldian esana zion aitari: “Aita! Ez dut gehiago hiri honetara etorri nahi. Zerriek negar eta negar egiten dute ohol horietan hesituta. Zin egidazu gure herriko zerriek ez dutela inoiz halako negarrik egingo!”. “Ados Pathi, zin egiten dizut gure etxeko eta herriko zerriek, gaur egun bezala, garo artean irriz jarraituko dutela beti. Sinesten didazu ezta?” – Sangyek alaba lasaitu nahirik. Urteetan aurrera, esango zion Kathmandun zuten zerri-etxaldeari esker bizi zirela etxean. Kathmanduko zerri gixajoak Ilamen banakako hesietan zeuden zaratatsu haiek baino askoz baldintzago txarragotan baizeuden, jakina. Helduko zen Pathik hori ezagutzeko garaia. Ez oraindik. “Bai aitatxo. Halere, ez dut gehiago hona etorri nahi. Zerrien kiratsa honek negargura ematen dit” – Pathik begiak bustita. Urdeak hotz ziren, eta deseroso, eta zikin, lurretik metro erdira eraikitako lasto gabeko oholezko kutxetan banaka edo binaka egotera behartuak. Hortik haien marru etengabeak. Nolanahi, Pathik Ilamera egin zuen aurreko bisitaldian, behin urdeek sortutako nahigabea joanda, zeharo txunditu zuten gauzak aurkitu zituen. Han ikusi zituen lehenengoz bitxigileak suarekin urre-zilarrak lantzen, han estreinakoz horma bete soineko koloretsu eta dirdiratsu, han azal-iluneko etorkin indiarren jatetxeetako mahaigain gozokiz beteak. Han ere igo zen lehengoz autobus batera, jendez lepo lehertzear egonagatik, anaia eta medikua zeuden Biratnagarreraino bide erdia egiteko eman behar zituzten 10 orduen pausaleku gisa hasiera-hasieratik aproposa iruditu zitzaiona. Aurreko bidaiako oroitzapenak etorri zitzaizkion Pathiri sei solairuko ostatuan sartu eta berehala. Dena zitzaion ezagun, eta aldi berean dena arrotz. Diosalak egin elkarri herritik heldu berriek eta herritik urteak zirela joandako ostatu jabeak, eta segituan ziren denak sukalde alboko egongelatxo batean halamoduz eserita. Menua, ohiko arroz platerkada suzko txiliaz lagundutako barazki zaporetsu eta katilukada dilista pareaz. Mendi eskualdeetako jana, egun osoko jardunak ezin desiratuago bihurtutako nahas-mahas dastagarria. Horri, sherpek lastotxo batekin zurrutadaka edaten duten artatxiki ardo epela, bi garagardo fresko eta Pathiren tetra-brick zukua gehituta, paradisuko afaria ibiltarientzat. Hitz-aspertu gehiegirako astirik ez ordea. Ilundua zen gau hotza Ilamen. Ifarreko haizea zebilen, gailurretako izotzek laztandutako haize hotza, parajeotan kale-kantoi eta bide-bazter oro azken zokoraino husteko trebezia duen ufada txistukaria. Abendua zen, eta Ilamen altuera izotza eror dadin nahikoa ez den arren, jendea hotzetik ihesi etxe, etxalde, ostatuetako geletan bilduta zegoen. Herrian katurik ez zebilen, hesitutako urde zalapartariak bere baitan kiribilduak ziren. Zakur errariak herri-guneko hiru kaleetatik at alderrai, inguruan sakabanatutako ehunaka etxaldeetan sutondoek hormaren bestaldean sortzen zuten epelari ahal bezala igurtziz eta hatzaparrez heldu nahian. Ohera beraz Ilamtarrak, eta Ilameratuak. Ohera linbuniak, brahmak, sherpak, indiarrak, raiak. Himalaia manta pisutsuaren besarkadaz ezartzen da egurrezko eta porlanezko eraikin multzoa den herriaren azken sotoan ere. Argi bakanak ostatuetako eta Estatuaren ordezkaritzetan. Ohera Sukhetarretik neka-neka eginda ordu pare eskas lehenago heldu den taldea. Eraikina egur eta xafla metalikoz eginikoa da, eta 6. solairura igotzeko eraikin osoa inguratzen duten balkoietan zulatutako mailadietan gora egin behar dute, lata estalkiak bailiran, lurra altxatu eta gora eginez. Guztiak daude leher eginda, eta denak gela bakarrean egoteak loa atzeratu ohi duen arren, bakoitzak bere koxkorra sortu orduko loaren erritmoa daramaten haize-melodiek sinfoniaren kategoria irabazten dute. Pathiren ahots dultze kantaria entzuten da aitaren babesean loak hartzen ari dela: “aitatxo, sabaian entzuten diren lasterketa horiek zer dira, gure etxeko saguak gurekin etorri direla eurek ere anaia Tsoktukengana doazelako gurekin batera?” “Jakina Pathitxu, haiek ere bera ikusteko irrikitan daude, guri bezala luze egiten zaie itxarotea” – bere begiak ezin irekiz alabari eskuaz laztan egiten dion bitartean. Segituan, denak lo. Hurrengo goizean autobusa goizean goiz irteten da Biratnagarrerako bidean. Arnas festa gelan. Gailurretako haizeena kanpoan. Eta egurra gehi xafla metalikoz egindako eraikinaren dantza leuna aldiro-aldiro. Oso leuna, elur maluta bakarrak malda elurtuan behera duen leuntasunez, banbu hostoek udako arratsalde sargorietan aldarrikatzen duten xamurtasunez. Urrats bat aurrera, beste bi atzera, sherpen gau-zirkuluetako dantza amaiezinetan lez, dantzari ekin dio eraikinak. Ilargi itzaletako dantza biribil eta errepikakor jendetsuak nola, gero eta ozenago, gero eta biziago, gero eta gogorrago, eraikinak hala. Gelakideak esnatu baino lehen bik utzi diote arnasa-kantuari, eta blaust, danba, gogor ekin dio jira-birari ilargipeko dantzak. Mendi kaskoak aiduru, eraikin osoa badoa alde batera eta bestera gogor, zaratatsu, gupidarik gabe. Lo zirenak dantzan dira, herriko ezkontzetan lez, hildakoen eta badoazenen omenezko jaietan lez. Himalaiaren dantza da, eta Sangyek herriko mediku-azti guztiek dakizkiten hitzak oihukatzen ditu, natura, Himalaia, Pattibhara tontor sakratua, baretu nahirik. Gainontzekoak isilik, tente, erne. Hitzak bai, deiadarrik ez, arrapaladarik ez. Sangyek segi, beste munduarekin duen aurrez aurreko elkarrizketan darrai, ez da geldituko dantza bukatu arte. Pathi du gerrian helduta, aitari so, geldi, dena bukatu zain. Gelakideak zain. Luzea da dantza. Burrunba da kanpoan, ehunaka giza-ahots, ehunaka zakur zaunka, ehunaka urde oihuka. Gailur eta amildegien arteko fereken maitasun eutsiezinak harmonizatutako goizeko hiruretako abesbatza ustekabekoa. “Aitatxo, gaur ere Katchenjunga lagun bila esnatu da?” – Pathik izututa. “Bai Pathitxu, batzuetan Katchenjungak inguruko tontorrak besarkatu nahi izaten ditu bakar-bakarrik sentitzen delako han goian” – Sangyek alaba lasaitu nahian. “Hemen gure herrian baino besarkada fuerteagoak ematen ditu, ezta?” – lehenengoz bizi zuen Pathik lurrikara bat 6. solairu batean, eta haurrak Sukhetarreko banbu eta oholezko etxaldeetan baino askoz salduago zeudela antzeman zuen berehala. Askoz gogorragoa bizipena, askoz gogorragoa lurraren dantzaldia, askoz gogorragoa jasandako ikara. “Horrela da Pathi maitea. Hemen hurbilago gaude Katchenjunga handitik, eta bere besarkadak askoz maitekorragoak dira hemen!” – bera ere urduri. Lurrikara bortitz xamarra izan zen, eta aterpetuta zituen ostatua ez zen bereziki kalitate oneko eraikina. Ilameko kaleak suak hartu zituen urte batzuk zirela, eta etxe garai berri gehienak porlan merkeari metalezko xaflak eta ohol finak atxikiz eraiki zituzten presaka. Sangye eta gelako beste guztiak horren jakitun ziren. Aita-alaba salbu, gainontzekoak isilik ziren. “Eta horregatik esan dizkiozu bestetan kantatzen ez dizkiozun otoitz zaratatsu horiek” – Pathik poliki-poliki gertatu berri zena normaltasunean barneratuz. “Hurbilago egotean ozenago esaten dizkiot guzti horiek, ez dezan ahaztu gu ere bere alboan gaudela. Baina lasai laztana, bukatu dira besarkadak eta kantuak. Nahikoa da gaurkoz. Laster batean autobusa hartzeko jaiki egin behar gara. Etzan nire altzoan eta egin lo lasai, Pathitxu” – esan zion alabari berak ere mantak egoki paratzen zituen bitartean. Kanpoaldean zalapartak gorenean zerraien. Zakur eta zerrien abesbatzan zakurrek zeramaten lehen ahotsa, hirugarrena zerriek. Ozena, erritmikoa, zuzendaria bailuten, isilaldi adostuak barne. Hain zen harmoniatsua, gelakideen sehaska kanta bihurturik, lurrikararen osteko bihotz taupada zoroak baretzen lagundu ziela. Denak ohatzetan geldi, Sangyeren aldarri erlijiosoak behin bukatuta, Himalaiari erruki eske. Esna, zain, umil. Gizakiak bezain izuturik zeuden lau hanketako biztanleen lantu melodikoak dena gauaren normaltasunera ekarri zuen arte. Gero eta suabeago, haien altzoan entzule zeutzan gizakiak ametsetarantz berriz zeramatzala bidaian. Bizi berria zuten fabula mugikorra mundu urrunetatik etorria bailitzan. Konturatu orduko, goizeko bostak jo zuten. Pare bat ordu lehentxeago gertatutakoa aspaldikoa zen jada. Inork imintziorik, keinu berezirik ez. Sherpen normaltasunak kutsatuta, zuriak ere hitzik gurutzatu gabe jaso zituen bere gauzak. Goizaldeko printza ubel-arrosak aztoratu nahi ez balituzte bezala, lurrikarak eskuzapiak balira lez ibilitako eraikinen patxada post-traumatikoa urratu nahi ez balute bezala. Gau luze ezustekorik gabearen ondorengo, goiz ohikoa bailitzan. Gelatik atera ziren denak. Egurrezko mailadietatik eztiki sei solairuak jaitsi, eta ostatuko semea agurtzeaz bat, ziztu bizian abiatu ziren Biratnagarrera eraman behar zituen autobusa hartzera. Ilunpetan oraindik ere, tabernatxo gutxi batzuek piztu berri zituzten gas-sukaldeen sugar urdin-apalek argiztatutako pare bat aldapa bakarti igo zituzten autobusak, furgonetak eta jeepen artaldea bilduta zegoen saroiraino. Ordurako jende multzoa zain zegoen txartel-leihatilaren aurrealdean zegoen itxarongela izoztuan, ilararik gabe baina kode ezezagunen arabera antolatutako hurrenkera adostuan. Sukhetarretik heldutako taldetxoak bere lekua hartu zuen, berehala ingurukoekin diosalak tartekatu eta takilak noiz irekiko zituzten galdetuz. Behin antolatuta, Sangye eta Pathi bertan lekua gordetzen geratzen ziren bitartean, beste hiru taldekideek gosaritarako txanda hartu zuten inguruan zeuden oihaldun ateko oholezko tabernatxoetako batean. Autobusak geltokia 05:45an uzten zuen, hogei minutu eskasean, eta oraindik ere takilak hertsirik. Ez zen arrunta, are gehiago jakinda, ohi zenaren kontrara, 40 bat lagun Biratnagarrera eramango zituen autobus hartarako ez zela aurre-salmentarik egon. Denak leihatila ireki zain. Sujam, Antharke eta zuriak te-esne bero basoerdi bat hamarnaka sherpa, rai, limbuni eta brahama jendeez inguratuta hartzen zuten bitartean, mahaikideetako batzuk jada arroza eta dilistei emanak ziren zeharo, goizeko 9ak aldera autobusek gosaritarako egin ohi zuten geldialdiari itxaron gabe. Jatun biziak, denak presa bizian autobusak irteera lerroan zeudelako eta berandu sartzen zenak 8-10 ordutarako lekurik deserosoena ziurtatua zeukalako. Lagunak etorri bitartean Pathi eta Sangyek solasaldiari heldu zioten: “Aita, bihar iluntzerako Tsoktukekin egongo gara ezta?” – Pathik. “Bai alabatxo. Urtebete joan da berarekin azkenezkoz egon ginenetik. Berehala pasatu da denbora, ezta maitea?” “Egia aitatxo, oso azkar pasatu da! Baina Tsoktuk zergatik ez da gehiagotan etortzen gu ikustera? Nik gehiagotan egon nahi dut berarekin!”- Pathik anaiarekiko distantzia ezin ulertuz. “Pathitxu, gauzak ez dira errazak guretzat. Berak ezin du gehiagotan etorri lan eta ikasi egiten duelako. Eta urruti dagoelako. Eta bere soldata gure Sukhetarreko etxerako, eta zu eta zure ahizpen ikasketatarako delako.”- aitak gordin. “Ba horrela bada ez naiz gehiago klasera joango bera etxera gehiagotan etor dadin” – triste Pathik. “Zer diozu Pathitxu. Ez zaitez zure anaiarengatik kezkatu. Ikasketak bukatzean diru asko irabaziko du eta nahi bestetan etorriko da herrira. Edo agian berak beste etxalde bat eraikiko du gurearen parean zure ama eta zure aitaren alboan egon ahal izateko. Agian zu izango zara urruti, Kathmandun, Europan edo Estatu Batuetan biziko zarena alabatxo” – Pathiren adimen biziaren jakitun, Sangyek alaba nagusitzerakoan atzerriratuko ote zitzaion izua zeraman barren-barrenean. “Nik hori inoiz ez aita. Nik ez dut Sukhetarretik irten nahi ez bada anaiarengana bisitan joateko”- haur batek adieraz dezakeen emoziorik sentituenaz. “Pathi, ez ahaztu medikuarengana goazela”- Sangyek alabari emozioa apur bat jaitsi nahian. Eta hori esatearekin bat, leihatila ireki zuten. Nahaspila, zalaparta, hurrenkera adostuak huts. Hamarnaka lagun ohol horixka zaharkituzko arasa baten erdian zabaldutako beiratxo baten bestaldean zegoen aurpegi tibetarreko gizon gazte baten hitzei adi. Zalapartak isiltasun osoari lekukoa. Tibetar jatorrizko hizlariari denak so, goizaldeko argiek koloreztatutako kaleak bat-batean gaueko ilunpetara itzuli zirela esango luke edonork, hain zen nabarmena inongo soinuren falta erabatekoa. Hain zen giro trinko, goria, mardula, motxila bakar baten mugimenduak hizketaldia moztu izan balu, bidaiari saldoak motxila bera jipoituko lukeela sinesgarria litzaiokeela panoramaren ikusleari. Bat-batean isildu da garraio-enpresako langilea. Eta ekin dio zalapartak bere saio berrituari. Ozenago. Luzaz aztoratuago. Arauzko nepalerak lekua utzi dio barreneko haserreak adierazteko azaltzen diren hizkuntza ezkutuei. Hamarnaka elkarrizketa gurutzatu. “Zer pasa da aita? Ba al dugu autobuseko tiketik?”- Pathik ezjakintasunetik irten nahian. “Ez, alabatxo, ez dugu tiketik” – Sangyek ezin sinetsirik beraien zoritxarra. “Zer ba? Jeepean joan behar al dugu?”- nahiz eta arinagoak izan, leku eskasiagatik okerragoa izan ohi zen jeepean joatea. “Jeepean ere ez gara joango Pathi” – lehor. “Ah orduan kotxe batek eramango gaitu?” – aitaren trazari tamaina ezin harturik. “Pathi, ezin dugu Biratnagarrera joan. Gaurtik aurrera 10 eguneko garraio greba dago. Hartu zure zorroa eta goazen etxera”. Pathiri zuzendutako hitzak bukatu eta maldizioka hasi zen Sangye. Iluntzeko lurrikaran salbu mantendu zituen Himalaiako Pattibharak berak ez zuen nahi bere seme-alabak lautadara irten zitezen. Beste besarkada mota bat zeukan eurentzat prest, oraingoan limbuni jendeek prestatuko greba luze baten bidez. Besarkadak betiere. Orduantxe zetozen Sujam, Tenji eta zuria alboko tabernatxotik. Te-esne bero tragoxka bukatu berri, bazirudien leihatilatik ateratako albisteek sortutako supituko dardarizo kolektiboa baretze bidean zegoela. Sangye eta Pathi gauzak jasotzen ari zirela ikusterakoan, hirurek argi ondorioztatu zuten autobusik ez zutela hartuko goiz hartan. Ez zekiten oraindik zenbat egunetarako greba zetorren. Bai ordea denbora nahikoa izango zutela grebaren xehetasun guztien gainean aritu, te-esne bero-beroa asetu arte edan eta eskualde buruko hiru kaleetan nekatu arteko gora eta beherak urratzeko. Apurrak ziren denda errepikatuetan kuxkuxean ibili, koloretako gortinen atzean ostendutako zapairik gabeko gas-sukaldedun ostatuetan eserialdiak txandakatu, artisauen alboan orduak eman, Sukhetarreko sherpa herrikideekin albisteak trukatu eta eguneratu. Denetarik eta luze, aukeran. Bukaera jakinik gabeko barealdi haren ikusmiran, alegera zegoen bakarra Pathi zen. Ez zuen hurrengo egunean anaia ikusterik izango, aita eta bera ez baiziren autobusa zein egunetan irten zain han geratuko. Ezin halabeharraren esku utzi ostatuetako egonaldien luzera. Tsoktuken jolasek itxaron beharko zuten, eta tristetzen zuen horrek. Baina bazihoazen bueltan herrira: arta-zuztarrak, bufalo-esnea eta eskola-kideak zain zituen. Bazihoazen etxera bidean etortzerakoan ezagututako Saranen amaren ukenduen bila. Eta bozkariotzen zuen guzti horrek. Klaseko atseden orduko kanpaiak beste. Eskola aurreko hodeien artetik jauzika sortzen ziren ortzadar bikoitzek beste. Banbuen eta artasoroen azpitik tximilikuarteka jolasten zuteneko lasterketak beste. Gau bakarreko bidaia luzearen helmugara helduak ziren. JAUZIA Goizeko hirurak. Hotz egiten du etxolatik kanpo. Jendez lepo dago pare bat metroko sabaipeko gela. Dun-dun-dun entzuten da gauaren aginduetara isildutako malda luze-luze-luzean, etxeak ilunpetan han-hemen, uraren sehaska-kantapeko oihan txatalak han-hemen, bufaloak lo han-hemen. Dun-dun-dun. Batzuetan sorburu bakarreko danbateko erritmoduna, beste batzutan lauzpabost danbatekoren abesbatza desafinatu eta erritmo baldarrekoa. Beti ozen, gaueko urradura karrankaria. Oilarrak alboko etxolan habeari lotuta, euren azken orduaren zain. Artega, zeremoniara sartzen den oro euren burugabetzearen arduradun balitz lez begiratzen dute, begi eroz. Haize ufada hotzak aterik gabeko sarreratik barna, barruan ez da hotzik. Surik ez da, ez da hotzik. Izerdia, zigarro industrial garestien kea mendiko belar garratzen kearekin nahastua. Hogeita hamar lagunen arnasak, gorputzak gorputzetatik gertu, fereka saihestezinean. Ez dago ihesbiderik, ez dago atetik sartzen den haize ufada izoztutik babesteko mantarik, ezin da besoen, bizkarren, izterren basotik aldendu. Orduak dira danborrak eta eztarriak kantuan hasi direla. Bi lama bizardunen irakurketa kantatu etenik gabea amaitu da. Txintxarriekin adierazten dute amaiera. Dun-dunak berrekin dio. 5 dira aldi berean. Dun-dun-dun, dun-dun-dun. Elkarrekin, batera ez. Esku ezberdinak danborrei eragiten dieten adar fin okerrak sakatzen. Txandakatu ere egiten dira, librea da perkusio taldera sartzea. Lama bat pikotxetan. Bestea lo, etzan da, artatxiki ardo lar. Burrunba sarkorra da, ozena. Lo daudenak itzartzeko ez bestekoa. Dun-dunak gero eta arinago, herriko aztien taldea, lamen aurrean eserita dagoena, kantatzen hasi da. Bat da buru, beste bi azti-taldekide ditu eskuinera eserita, hormaren kontra bizkarra emanda. Ikasten dituen apopiloak aurrez aurre jarrita, adi doinu, mugimendu, hitzei. Ikaslea atera da erdira, makurtu, begiak itxi, bere barrura ari da begira. Isiltasunik ez dago, hura bere mundura sartzen ari da. Gehitu zaio azti-buruaren semea, Tenzing handiaren oinordeko izatera deitua dagoen Tsetan. Prestatzen ari dira, jauzi egitera doaz. Gelaren itxiak, txikiak, auzokideen hizketak, aztiaren doinu errepikakorrek, zupada, zurrut eta algara zaratatsuek aldiro moztuak, dun-dunak, lotan daudenen zurrungak, ezerk ez ditu jauzilariak prestaketatik egozten. Jaiki dira eta soineko zuria jantzi dute. Begiak itxita. Lotu dute espartzuzko soka tenkatua gorputzean zehar. Ekin diote lokatzezko lurrean hanka hutsen bidezko marrazketa erritualari. Dun-dun-dun, dun-dun-dun. Eserita daudenak mugitu gabe, osatu dute desfilerako pasarela. Bost bat metroko atzera-aurrerako ibilbidea. Bi gas bonbonek argitzen dute gela, dantza arritmiko eroa hormetan itzal bizi bihurtzeko beste. Zuri zikineko bi gonadunak izerdi patsetan, bertso ikasia okertu arte murtxikatuz, sartu dira zurrunbilora. Gorputzak ertzeraino eramateko prest dira. Ez dute etsiko, bat bi, dun-dun-dun, jira, bat bi, dun-dun-dun, bira, bat bi, dun-dun-dun, igitaia eskuan, jauzi, oilarra heldu eta kiribildu, heldu eta kiribildu, heldu eta moztu, dun-dun-dun, oihu, bat bi, jira, bira, ez dago geldiunerik, arnasarako paradarik, soineko zuriak estutzen dituzten sokek gorputzei ziba baten gisan eragingo bailien. Argizariz egindako Buden panteoi osoa begira dago teilatupeko apaletik. Adi. Danbor jotzaileak, lamak, etxekoak, auzokoak, denak adi. Dantzariengan baleude lez bertaratuen gogoak, begiak beste. Itzalak dira arretatik salbu dauden bakarrak, euren kasa ari dira, zuri-beltzeko dantza paralelo librea hormetan, kea, izerdia eta perkusioak itzalei haragia eskainiz. Haize izoztua sartu da, gau osoko ufadarik hotzena. Sabaia eta lurraren arteko tartea hustu da, hoztu, dena bilakatu da doinu. Behin materia galduta, azken taupadaren balioa hartu du danborren azken kolpeak. Danba. Bi dantzariak gelditu dira, azti buruak oihu luzea atera du gorputz iharreko eztarri estutik, altxatu dira pikotxetan zeuden hiruna lagun, hirunaka dantzari bana helduta, haien gorputzen bibrazio kontrolaezin inkontzienteari eusteko, barealdira sorbalda lagunen indarraz sartzeko, jauzitik etorrita kolpe mingarriak saihesteko, oihaneko sakonetik, gailurretako ertzetatik, gaueko izar kantarietatik arta-hostoen sabaipeko gela jendetsu izerditsu hartara egindako sarrera tupustekoan, azal laztu lagunen babesak bestaldean jolasean dabilena lastozko ohearen amultsutasunaz artatzeko. LAKSUMEN IRRIBARREAREN ATSEDENA “Han datoz” - bere kolkorako Laksumek, aldatz gora Antharke eta zuria zetozela ikusita. Harrizko ertzek hesitutako bidexkan, bere 6 urteek emandako baldartasun trebearekin, mailadiz mailadi ahal bezala jaisten zen Laksum. Izebaren etxera zihoan, bere kabuz, bakarrik, ume sherpak bidexketan ibili ohi diren lez: batean ordubete gora, bestean ordubete behera, honakoan bi ordu malda zabaletatik goiko muinoetarantz, harakoan ordu eta erdi bailararen sakonerantz… etxerik etxe beti, sherpa familia zabalen sare amaigabeek besarkatzen dituzten hedadurak urratuz. Umeak harat-honat oinutsik gehienetan, onenean gomazko sandalia merke batzuen geruzaren babesaz. Goiz hartan, amaren enkargua jasoa zuen Laksumek: “Seme, segi izeba Dolmarengana eta esaiozu bihar goizean oilarra hilko dutela auzoko Lamuren etxean, eta igotzeko, Lamuk bere alboan nahi duela sutondoan”. Guraso gazteak zituen Laksumek, Sujam eta Shita aita-ama, hortik oraingoz bi urte bete gabea zen Pushpa arrebatxoa beste anai-arrebarik ez izatea. Familia txikia inguruetan ohikoak ziren etxe populatuekin alderatuz. Hortaz, Laksum azkar asko hasi zen etxeko seme nagusiak bete ohi dituen lanak betetzen: “segi hona seme”, sutarako adaxkak bildu, zerrien ohatzerako garoa bota, ur bila joan, Pushparen ibilerak zaindu, “segi hara seme”... eginbeharrak bihurtu zuen Laksum esaneko, eta ez alderantziz. Otzana zen, lasaia, hainbatetan luze izozturik geratzen zitzaion irribarre errazekoa. Eta izozte horietantxe irabazten zuen bere irribarreak itxurarik komikoena, hasierako lotsak, jolasak edo emozioak sortutakoaren ondoren ez baitzuen barre egiteko gogo berezirik izaten, nabarmen igartzen zitzaionez. Baina hor eusten zion, tinko, irribarre oparoaz, bisaiaren ertzetik ertzerako eskaintza dohaineko eskuzabalaz. Askotan kandela parea zuen ezpain ubel lodiek marraztutako limoi erdiaren apaingarri, are benetakoagoa bihurtuz Laksumen esker oneko irria. Berak ez luke agian gehiago barre egingo, bakarrik balego ez luke eskainiko. Familiarekin, adinkideekin, auzokoekin, herrira hurbildutako zuriarekin zegoen ordea, eta haiekin barreak irabazten zuen bere keinuen artean nabarmen, eguzki-lorearen imintzioen artean eguzki izpien aurrean azal-luzatzeak irabazten duen bezalaxe esker onez biluzten denean. “Han datoz” - bere kolkorako Laksumek, han behean bere auzoko Lamuren seme hiritartua eta bere lagun zuria zeudela ohartuta. Banbu artean azeri gazte bat bezain trebe ibiltzen zen Laksum, batetik bestera jauzika, itzulipurdika, arrastaka. Oihaneko semea zen, hark hazia ia amaren laztanek bezainbat. Ez zituen alperrik igarotzen orduak eta orduak etxearen pare-parean zuten basoxkan belaxkei segika, basakatuei harrika, basoilarrei txistuka, azkonarrei iheska, mirotzei kantuka. Denak ezagutzen zituen, izenetik asko, ez bazen beste haranen bateko bisitaririk zutelako oihan txatal hartako biztanleek. Jada haurtzaro gorritik hasia zen bakarrik geratzen etxe-inguru hartan: ama haran-sakonerako arroz-jasotzetan zein magal-garaietako artasoroetan, aita lanean atzerrian, auzoko Lamu zaharra etxetik ezin aterata... Orduak luze ziren eta Lamurekin sutondoan egoteaz aparte, basoa zen bere jolaspatioa. Etxeko zereginak egiteko gazteegi, eskolara joateko txikiegi, herriko gainontzeko umeak urrutiegi. Basoa eta basolagunak. Horrela hazi zen 4 urte bete eta eskolara joan arte. Ordurako, umeekin tximilikuarteka baino ohituagoa zen basurdekumeen atzetik lasterka ibiltzen zein pikaratzen arraultzak biltzen. “Han datoz” - gehiegi pentsatu gabe atera zitzaion laguna zuen bikotea aldapan gora zetorrela igarrita. Antharke auzokidea izan arren, ez zuen ia ezagutzen. Bere oroitzapenetako parte zen, ezin jakin ordea berari buruzko elkarrizketak entzunak zituelako edo inoiz zuzenean ikusia zuelako zen. Ezin jakin! Hori bai, bere ama Lamuk bezalaxe hitz egiten zuen, tonu berbera zuen, imintzio, keinu eta hitz-joko berdinak. Bere etxeko aita-ama eta arreba gazteaz gain, Lamu zen bere hurbilenekoa, bere auzoko hurrena, bere zinezko amona, izeba eta hezitzailea. Nola ez hartu Antharke bera ere, bere ezezaguntasunean, hurbileko maitatu eta konfiantzazkotzat? Antharke han zenean, amari bisita egiten, bat gehiago zen sutondoan, bat gehiago Laksumi berari arrozetarako platerak atera zitzan eskatzen, sutarako egur bila atera zedin agintzen, bere barre-iraunkor-izoztua barre-algara bihurtzeko kilimak eragiten. Maite zuen Antharke bai, nahiz eta ia-ia ez zuen ezagutzen. Era berean, Antharkerekin zetorren zuria ezagutzen zuen aurretiaz ere. Antharkeren oroitzapenarekin lotzen zuen, ez zekien noiz, ezin neurtu, baina bera eskolara joateko aski nagusia ez zen garaietan berarekin egona zela iruditzen zitzaion. Bigarrenez ikusten zuela uste zuen. Ezin zuten hitzez elkar ulertu, zuriak jolasean sherpa hizkuntzan botatzen zizkion lau hitzez gaindi ez baizuen beraien mintzaira batere ulertu ez elekatzen. Ez zuen ezta herriko eskolara hurbiltzen hasi zenetik ikasten ari zen nepalera arrotza ere hitz egiten. Beraz, bere aurrean isiltzeko joera hartzen zuen. Barre egin eta isildu. Bere lau hitz solteak entzun, noizean-behingo haren mugimenduren bati begiratu, algararen bat bota eta ostera ere barre izoztuaren isiltasunean murgildu. Zuriak ere Lamuren etxean lo egin, beraiekin sutondoan goiz-pasa egon, euria ari zuenean mendiak estaltzen zituzten arratsaldeko lanbroak banbu eta lastozko etxetik atera gabe beraiekin begiratu... Nola ez sentitu zuria ere bere hurbileko, nahiz eta itxura arrarokoa izan, nahiz eta bere bizitzan ikusten zuen lehen azal zurikoa izan, nahiz eta beretzat erabat arrotzak ziren arropa eta traste andana izan. Nola ez? Hurbilekoa zuen, bai. “Han datoz” - zaparradak zirenean karkaba bihurtzen zen bidexkan banbu hostoak zapaltzen zetozenez, berehala entzun zituen oihaneko soinuak zeharo ezagun zituen Laksumek. “Non ibili ote dira” - bere buruari galdezka haurrak. Berehala lotu zuen parajea han alboan bizi zen Bangerarekin, berea baizen bertatik hurbilen zegoen etxaldea, malda luze baten goialdean zegoena, aurrez aurre lau eta bost mila metro arteko gailur berdeek osaturiko ikusmirari adi begira kokatua. Laksumek sei urte izanagatik, aski ezagunak zituen bere herriko txoko bakoitzean zein sherpa adarretakoak bizi ziren, gehienbat banaketa orokor bati jarraiki antolatuz bere sailkapena: familiakoak eta gainontzekoak. Bangera amaren anaia zen, hain zuzen, amak zituen 20 - 30 anai-arrebetako bat. Izan ere, sherpen artean guraso berekoak baino askoz senitarteko gehiago dira anai-arreba. Hortaz, Dolma izebaren etxera bidean, Bangeraren etxean geldialditxo bat egin eta katilukada bat chang hartzea zen egarria agertu ezkero zituen aukeretako bat. Banbuak zuhaitz mardulagoei lekua uzten zien eremu haietara heltzen ari zela, espero zenez, Laksumi chang-aren arra hasia zitzaion agertzen, bai baizekien amaren anaia Bangeraren lapikoa zain zuela. Gainera, atsegin zuen Bangera, atsegin zuen bere emaztea eta baita haren 3 alabak ere, lirainak hirurak. Nagusiegiak berarentzat oraingoz, ez horregatik gutxiago mirestuak. Etxean entzuna zion Sujam aitari nola Bangerari alaba lirainetako bat ezkondu zitzaion aurreko astean Makalutik zetorren mendilerroaren bestaldeko sherpa mutil batekin. Eta chang-aren esperantza, ezkontza ospakizunetik sobratutako zerri egosi zatiren batekin borobildu zitzaion Laksumi. “Hori pagotxa nirea zerri muturren batek nire eskuetan bukatzen badu” - burutazio horiek zerabiltzan umeak inguruetara hurbiltzen ari zela. Nahi izan gabe, ontasunez beteriko irribarrea agertuz zihoakion, gosea urdailean agertu ohi den lez, tai gabe, leuntasunez, amaren anaiaren etxeko lastozko teilatua eta etxaurreko zabalgunean sherpek ezarri ohi dituzten koloretako otoitzerako bandera budistak sumatu ahala. Poliki-poliki, barkamenik gabe, gelditzeko datorrela ohartaraziz. Irribarre izoztua bere tokira. “Han datoz” - nabaritu zituen Bangeraren etxerako azken errebuelta hartzera zihoala, sugeak harrapakin duen saguaren dardara urrutitik sumatzen duen bezala. Aurreko egunean bertan egonak ziren sutondoan ordu luzez elkarrekin, Lamu eta Pushpa bere arreba txikia ere han zirela. Amak egun osoa hartzen zuen joan-etorria egin zuen Ilam eskualde burura, eta aita basoan zen lanean egurretan. Hortaz, eskolarik gabeko larunbata zenez, beste behin Lamuren etxean eman zuten Laksum eta arrebak ia-egun osoa, gurasoak etxeratu arte hain justu. Eta baita ederki asko pasatu ere mutil koxkorrak haiekin. Nola ez disfrutatu bera eta Lamu zaharrak bero bila inguratu ohi zuten sutondoa, hutsik egon ohi zen sutondoa, jendez lepo kausituta? Aurreko egunez, goiz-goizetik bera etxean sartu orduko, zuriak herrira bizkarrean ekarri zuen zorrotik zenbait aldizkari atera eta Laksumen eskuetan utzi zituen nahieran ibili zitzan. Haur sherpak inoiz ikusi gabeko koloretako argazki eta irudiak zituen paper haietan parez pare, eta hasieran baldar xamar aritu bazen ere orriak pasatzeko ariketan, laster hartu zuen edozein europarrek aldizkariak ikuskatzen duen besteko abilezia. Orriak joan, orriak etorri, orri dantza hasi zuen Laksumek berarentzat ikusgarri bezain ulergaitz ziren koloretako liburuxka haiekin. Ikerlari mikroskopiodunaren zehaztasunez beteriko orri dantza. Eskolan etxeko sherpa hizkuntza ukaturik eta ezkutaturik, nepalerazko alfabetoa ikasia zuen bere 6 urteekin. Bada aldizkari haietako alfabeto irakurtezina baino, are latzagoa zitzaion argazkietan agertzen ziren mendi, baso eta gailurrak zein jende haiek zituzten tramankulu eta arropak bere ezagutzen artean kokatzea. Non ote zeuden mendi haiek? Nork egiten omen zituen argazki haietako zera arraro guzti haiek? Nortzuk ote ziren argazkietako jende zuri haiek? Berak zuri bakarra ezagutzen zuen, alboan zuena. Ba ote zegoen zuri gehiago? Argazkietan agertu bai, baina berak behin ere ez zuen beste zuririk ikusi, beraz ez zeukan guztiz argi. Agian kilimak egin, hitz solte pare bat sherperaz bota eta hurbiletik argazkiak ateratzen zizkion zuri hark egindako jolasak baino ez ziren koloretako koaderno haiek, berari opari gisa ekarriak. Auskalo, nork jakin! Kontua da lasto eta banbuzko etxola jendez bete zela aurreko egunean, eta berak aspaldi ez bezala gozatu zuela Lamu auzoko-amonaren etxean. Horri gehitu ezkero abenduko ospakizunetara Kathmandutik etorriak ziren Lamuren beste bi alaba (Lakpa eta Doma hain zuzen) ilundu baino apur bat lehenago agertu zirela bertara, bere memoria erein berrian oroitzen zuen egunik politenetako bat izan zen aurreko egunekoa. Irrikitan zegoen basorako bere hurrengo abialditxoan bere adiskide orkatzekin honetaz guztiaz aritzeko. Ezin itxaron! “Han datoz” - Antharke eta zuria ikustearekin batera Bangeraren etxera sartzearen ilusioak sortzen zion irribarrea ostentze bidean oharkabean ezarriz. Izeba Dolmarengana zihoan, Lamuk neguko otoitza egingo zuela eta oilar-janera gonbidatuta zegoela esatera. Bangeraren chang-a amets. Eta aurreko eguneko auzoko bikote laguna, bera bezalako ume batek dituen maitasunetan lehenengoetarikoen artean zegoena, beragana zetorren zuzen. “Han datoz, ni banoa” - eta irribarrea beste une baterako ezkutatuz, Laksumek jauzia egin eta bidexkatik ateraz, banbuen artean gorde zuen bere burua. Hasieran geldi, arnasari eutsiz, muinoetatik oihanera otsoa jaisten zenean berak eta basoxkako beste biztanle guztiek eusten zioten bezala, oin-hotsak hurbildu arte itxaron zuen. Behin hurbil zituela, arrastaka beherako bidea hartu, harlauza batzuen gainera heldu eta lauzpabost metroko distantziara utzi zuenean bikotea, ziztu bizian hasi zen maldan behera korrika. Laupabost segundo igarota, irribarre iraunkorrak berriz aurpegia irabazirik, hantxe zen berriz, bide erdian lasai, bertatik bertara zuen Bangeraren etxeko chang katilua ia-ia ezpainetan dastatuz. Handik 30 bat metrora, Antharkek, ibileran gelditu gabe atzeraka begiratuz, bere adiskide zuriari barre eginez esan zion: “Laksum mukizuak izkin egin digu.” Irribarre egin zioten elkarri eta besterik gabe, Lamuren etxera goranzko bidean jarraitu zuten banbuen gerizpe hostotsuan murgilduz.
ARITZ GALARRAGA estralanak Artikuluak Argazkiak: Dani Blanco, Oriol Clavera, Mikel Garcia Idiakez eta Núria Juan Serrahima. booktegi.eus argia.eus AURKIBIDEA Nola fitxatu genuen gure sinadura izarretako bat (modu aski estrainioan) – Gorka Bereziartua Pop katalanak boom egin du! Cretas ez han, ez hemen Magal bete xenda Begi zolak erretzeko Mundu baten hasiera Kataluniako jendeak du boterea Artearen historia berrirakurtzen Egun bat Bartzelonan Bizitzeko manerak Aragoieraz idazten duelako Gerra hementxe dago Bidaia zapuztu baten kontakizuna Hainbeste oihu (eta murmurioren bat) Nola fitxatu genuen gure sinadura izarretako bat (modu aski estrainioan) – Gorka Bereziartua Izango dira hamar bat urte bere izena ikusi nuela lehenbiziko aldiz. Liburuei eta kultura izeneko gauza horri eskainitako egunkari baten gehigarrian Groucho eta ni liburua aztertu zuen, pasioz aztertu ere; hainbesteko pasioz, “amoranteari izkiriatuko geniokeen eskutitza baino grina handiagorekin” jardungo zuela iragartzen baitzuen kritikaren lehenbiziko paragrafoan. Hortik aurrerakoa, zamalkatze (testual) salbaia zen. Berehala eduki nuen zaldi hori nor zen ezagutzeko gogoa. Instintiboa izan zen, beharrezko gestioak eginda, Aritz Galarragarekin kontaktatu eta Bartzelonan zita jarri nuenean, egia esateko, ez nekien zehazki zer helburu zeukan juntadizo hark. Ezagutu behar nuen, besterik ez. Eskerrak gero, Poloniako hiriburura iritsi, metroan sartu, ondoko tipoak zer ordu zen galdetu eta hari erantzuten ari nintzela atzetik beste batek, frist, kartera lapurtuta bagoitik ospa egin zidala, orduan bai, argi eduki bainuen. Seinale bat zen: lapurreta zen Bartzelonara eraman ninduena. Kolaboratzaile fin bat ebatsi behar nion Argiarentzat kultura gehigarria zeukan egunkari hari. Kreditu txartela baliogabetu eta salaketa egiten ari nintzenean jabetu nintzen, ordea, momentu horretan ni nengoen bezala zegoela lan egiten nuen aldizkaria ere. Alegia, Argian ez geneukala eskaintzeko kapoi bat ere, zer esanik ez arrautzatxoekin. Eta beraz, beste moduren batera konbentzitu beharko nuela Galarraga gure orrialdeak haren jenioarekin zipriztinduko baziren. Bera mozkortzea bururatu zitzaidan. Plan ona zirudien. Eta ez zen oso ondo atera. Tira, gaizki ere ez. Esan dezagun erdizka atera zela: ni mozkortu nintzen, baina bera ez –mutilak neoprenozko gibela du antza–. Hortik aurrerako oroitzapenak pixka bat lausoak dira, baina ea: ez zirudien oso konbentzitua medioz aldatzearekin, hori gogoratzen dut; eta joan beharra zeukala esan zidan hiru edo lau aldiz, azkenekoan nahiko urduri; nik ezetz esaten nion, gelditzeko; eta jendeak begiratu egiten zigun tabernan; eta pixka bat lotsatu zela uste dut –hau zuek ez dakizue eta nik kontatzen dizuet: idazten zaldi bat bezalakoa den arren, tête-a-têtean Galarraga ez da nabarmenkerien zalea–. Horrela ari ginen, ni diskretuki berari lepotik oratzen judoko giltza batekin eta bera are diskretuago kontortsioak egiten eskapatzeko. Dena zurrutean segitzen genuen bitartean. Eta esan izan ez banu gauza bat, hamaseigarren Moritz botila hustu ondoren eta bera nire hitzak konprenitzeko azpitituluen botoiaren bila zebilenean; atera izan ez balitzait, auskalo nondik, esaldi hura, akaso orain ez zenuten e-book hau eskuetan edukiko –trago bat zor didazue–. Zera esan nion: “Liburuetatik harago, nahi duzun edozeri buruz idazteko aukera eskaintzen dizu Argiak, hain zurea duzun estilo literario horretan”. (Bueno, gauza ez zen zehazki horrela izan, hori dramatizazioa zen. Benetan esan nion, zera: “Zuk atera beste bat [korroskada] eta Argian nahi duzuna”). Nolanahi, aurpegia aldatu zitzaion. Begiak zabal-zabalik jarrita begiratu zidan eta zera galdetu: “Kritika gastronomikoa ere egin ahalko nuke?”. Baietz nik, zernahi. Eta ateratzeko beste garagardo bat –zeren, bere galdera entzun nuen botilaren lepoa eztarriraino sartuta eta hari eusten zion besoko ukalondoa sabaira apuntatzen: glugluglu; gauza jakina da posizio horretan likidoak azkar egiten duela bidea–. Beraz, horrela hasi zen Aritz Galarraga Argian kolaboratzen eta azken zortzi urteetan gurean publikatu dituen lanen antologia dauka irakurleak oraintxe esku artean. Nahiko azkar jabetu ginen bere idazkeraren alderdi kurioso batez: batezbestekotik gorako maila zeukaten bidaltzen zituen testu guztiek, baina distira berezia ateratzen zutenak, emozio-malkoak ateratzen zizkigutenak, barrez leherrarazi, pertsona hobeak sentiarazi irakurtze hutsagatik… horiek beti ziren oso gustuko ez zituen gaien inguruko artikuluak –irakurlearen esku utziko dut igartzea zein diren egileak hurrengo orrialdeetan aguantatzen ez dituen leku, pertsona eta animaliak–. Eta horretaz azkar jabetu ginenez, Argian testuen kalitatearekin daukagun konpromiso irmoarengatik eta fitxaje berria gustuko larrean bertan goxo ez geratzeko; bueno, eta segitu dugulako Bartzelonan lapurtu ziguten kartera aurkitu gabe, eta beraz, bazkariak pagatzeko sosen faltan; kontua da oraindik ez dituela Galarragak hainbesteko grinaz egin nahi zituen kritika gastronomikoak publikatu gurean. (Ezta gerora iradoki zizkigun Barçaren partiduen kronikarik ere). Baina bi gai horiek izango dira ukitu ez dituen bakarrak, izan ere, ia edozertaz idatzi duela ikusiko duzue dagoeneko askotxo luzatzen ari den hitzaurre hau pasatzen duzuenean. Eta ia-rik gabe, argitaratu duen guztiak dauka bere estilo-marka, berdin azaleratzen dena txango bat proposatzen digunean, gonbidatzen gaituenean artista baten obra ezagutzera edo sartzen denean politikaren lurralde beti arriskutsuan. Galarragaren estiloa baita, jende guapoak gidatzen duen Range Rover horietako bat bezala: berdin tiratzen du mendi malkarrean gora eta autopistan ezker-ezkerreko karriletik. 4x4. Zaratarik gabe. Bere testuetan ibili baino, irristatu egiten zara. Edukiaren eta formaren artean biak aukeratzen ditu, datua bezainbeste estiloa, kazetari bezain autore. Eta badu kronista on guztiek daukaten dohain hori: begien aurretik pasatzen zaion guztia prozesatu eta pelikula bateko eszena bihurtzeko gaitasuna. Eskerrak amua bota niola. Portzierto, igual enkargatu beharko diogu kritika gastronomikoren bat. Gorka Bereziartua Mitxelena (Argiako kazetaria) 2009ko uztailak 26 Pop katalanak boom egin du! Loraldian dugu katalanez egiten den pop musika. Ugari ekoizten da, ahobateko kritika onak jasotzen ditu eta, garrantzitsuena dena, jendea du atzetik. 2000. urtearen bueltan izan zuen hasiera boom honek eta izen propio bati lotua etorri zen, Antònia Font talde mallorcarra. Gerora arrakasta izan duten talde andana sortu dira; azkena, Manel. Ez naiz musikazalea. Beste ezer baino lehen horixe aitortu nahi dizut, irakurle. Tira, musika entzun bai, baina ez naiz ezein talderen jarraitzaile sutsua, ez ezein musika estilo edo eskolarena. Ezingo nuke, nire inguruko jende askok legez, orduak eta orduak eman musikaz hitz egiten. Kontzertu bat ere aspaldian ez dut zapaldu. Gehienetan, gainera, plazera eman baino enbarazu egiten dit musikak, idaztean, adibidez, edo tabernan, mintzaidearen ahotsa baino altuagoa jartzen dutenean. Zer esanik ez garraio publikoan, albokoak mundu guztiak entzuteko moduan daramanean, nahiz eta kaskoak belarrietan sartuta izan. Eta nire ohorearen mesedetan esango dizut, hasiera batean, zentzudun, errefusatu egin nuela artikulu hau idaztea. Baina etxeko diskografiari begiratu azkar bat eman, katalanez egindako pop album multzoa ikusi eta baietz esan nion Gorka Bereziartua lagunari. Egiten zidan bigarren artikulu proposamena zen gainera. Lehen proposamena Manel taldea elkarrizketatzea izan zen. E-postaz luzatu zidan apustua: “Beti literatur kontuak eskatzen dizkizudala konturatuta, eta aprobetxatuz kasualitatez bezala Manel izeneko taldea deskubritu dudala, hona hurrengorako proposamena: talde hori elkarrizketatzea nola ikusten duzu?”. Eta nik, luze gabe, arrapostua: “Guk ere badugu CDa, eta atsegin ditugu horko pieza batzuk. Baina ez nau erabat konbentzitzen haien proposamen musiko-estetiko-politikoak. Motxian: postmodernoegiak (atze-oihalik gabeko hitz kostunbristak, ustez ideologiaz hustuak -hori ideologia konkretu baten isla denean-, teenager-en hanka-tartean pentsatuz egindako produktua orobat (eta esan dizut abesti batzuk maite ditudala, ezta?))”. Ezagutzen nau Gorkak, ez zuen seriotan hartu: “Joder, eskerrak ez zaizun Rockdelux-eko erredaktore bat parean tokatu gaur, bestela igual informatiboetan ikusiko nuen zure aurpegia: “Melomano hondarribiar batek pastazko betaurrekodun kazetaria garbitu du, kaletik zihoala Manel-en doinu bat txistukatzeagatik”. Ezinezkoa dena, bidenabar: niri buruzko albiste batean ez litzateke sekula “melomano” hitza agertuko. Rocdelux aldizkariko kazetari batekin ez, baina Kiko Amatekin egin nuen topo Costa Brava tabernan. Eta Manel arrakastatsuaz itaundu nion. Zera erantzun zidan, gustuko dituela, aizue. Ezin dut ukatu Els millors professors europeus urteko sentsazioa izaten ari dela, leku guztietan entzuten dela, mundu guztiak darabilela bolo-bolo, mundu guztiak kantatzen duela “que bonic, que bonic, que bonic” leloa. Diskoa berriz entzuteko beharra sartu zitzaidan, baina etxera joan aurretik, galdera egin nion Amati. Egun katalanez egiten den popari buruz: “Pertsonalki, nahiago dut underground oinarria duen pop katalana, eta katalanez egiten den mainstream musikak kutsatu gabea. Ez ahantzi azken horrek inoizko bandarik eskasenetako batzuk eman dituela –90etan, urrunago joan gabe, Sopa de Cabra, Sangtraït eta Sau–”. Kontxo, nik hemen 90etako talde bat aipatu nahi nuen, Els Pets, pop kanta eder askoak konposatu zituen banda, gaur egunean jarraitzen duena –orain bi urte argitaratu zuten azken diskoa, Com anar al cel i tornar– eta gaur egunekoen aitzindaritzat har daitekeena –nahiz eta gutxik aitortuko dizuten hori–. Banda ugari Izenak eskatu nizkion Kiko Amati: “Niri gustatzen zaidan musika gaur egungo konbertituek egiten dutena da, edo, mainstream kantautoreak entzutearen zamarik gabe, katalanez hasten ari den jende oso gaztearena, punka, indie amerikarra, musika afrikarra, ska edo dena delakoa entzutetik datozenak. Gauza oso interesgarriak daude, eta esaten badut katalanez kantatzen duten talde gehien dagoen momentu historikoa oraingoa dela, ez dut uste kontua puzten ari naizenik: Manel (noski), Antònia Font (forever), Sedaiós (afro-pop erdi jamaikar ultra-dibertigarria), Nisei (post-HC washingtondarra, orain katalanez), Surfing Sirles (garaje patxanga punk-rockerra), El petit de Cal Eril izugarria (hunkitu egiten nau) eta abar”. Gaur egun katalanez egiten den popak booma bizi badu, ez da kasualitate kontua. Eta gauzak pertsonalizatzea arriskutsua bada ere, boomaren hasierara jo nahi badugu, Antònia Font taldea aipatu behar dugu, ezbairik gabe. Etxean bi disko baino ez ditugu, A Rússia (2001) eta Alegria (2002), baina debuta 1999an egin zuten, Antònia Font disko homonimoarekin. Hiru horien atzetik etorri dira Taxi (2004), Batiscafo Katiuscas (2006) eta momentuz azkena den Coser i cantar (2007). Ez dute meritu makala mallorcar hauek, publiko zabal batengana eraman baitute katalanez eta kalitatez egindako musika. Gogoangarria izan zen Bartzelonako Liceu antzoki prestigiotsuan, Bratislava Symphony Orchestrarekin batera eskaini zuten kontzertua, hain zuzen Coser i cantar diskoan jaso dutena. Joan Miquel Oliver taldeko gitarra eta buruak bakarka ere egin du bidetxoa. Bere azken lana, Bombón Mallorquín. Idazle gisa, halaber, saiatu da lehen pausuak ematen, Odissea trenta mil poema bildumarekin eta El misteri de l’amor nobela ez oso gomendagarrian. Antònia Fonten itzalean hazi dira beste hamaika talde; azkenetakoa, aipatutako Manel sonatua –lehenengoen kopia dela uste duten ahotsak entzuten dira–. Tartean, ordea, bada talde bailara, txukun askoak horietarik ez gutxi. Gaur, katalanez eta konplexurik gabe, pop musika –adjektibo gehiago beharrik gabe– egin daitekeenaren adierazgarri. Aurretik aipatu ditugunei gehitu behar zaizkie Élena, La Brigada, Estanislau Verdet, Mazoni, Sanjosex, Anímic, Conxita, Le Petit Ramon, Feliú Ventura. Gainera, beren azken lanetan katalanez abestera pasa dira, aurretik, gaztelaniaz eta ingelesez, pop munduan egonkortuak zeuden hainbat proiektu, Refree eta Mishima, esaterako. Eta hemen aipatu gabe utziko ditudan beste hainbat talde, Myspace eta horrelakoetan perretxikoen antzera ugaltzen ari direnak, etorkizunean entzungo ditugun taldeak. Segur aski orain, artikulu hau idatzi bitartean, beren lehengo pausuak ematen ariko dira hainbat talde berri Herrialde Katalanetako musika lokal infinituetan. Poparen ertzetan Pop musika zentzu zabalagoan ulertuta, hona ekarri beharko genituzke azken urteotan zeresan dezente ematen ari diren musikari batzuk. Ez dakit nola definitu, kantautore gisa-edo, nahiz eta definizioa baino gehiago ematen duen kondena. Auskalo zer ulertzen den gaur egunean kantautore terminoarekin. Elkar ulertzeko, esango genuke poparekin limurkeriatan ibiltzen direla, popari izan gabe. Quimi Portet da horietako bat. Ez da sobera gaztea, ez musikan hasi berria ere, baina 1998an El Último de la Fila utzi zuenetik erabat gaztetu zaigu gizona. Agian ezagun egingo zaizue, El Último de la Fila musika taldeko guapoa zen bera –meritu handiegirik ere ez zuen: bestea zen Manolo Garcia–. Bada, bakarka eta katalanez hasi zenetik –lehen saiakera herabea alde batera utzita, 1997an, Hoquei sobre pedres lanarekin– emaitza ezin interesgarriagoak eman ditu Portetek. Azkena, 2007koa, bikaina da, Matem els dimarts i els divendres, behin eta berriro entzuteko modukoa. Roger Mas da poparen ertzetan dabilen beste bat. Eta ez bakarrik Paulina Rubioren Ni una sola palabra abestiaren bertsio ederra egin zuelako, katalan jatorrean –bertsioa sekula entzun ez duenak aukera du, Youtuben, momentu hunkigarria pasatzeko–. Bere azken diskoa izugarria da, Les cançons tel·lúriques, Jacint Verdaguer poeta katalan garrantzitsuenetakoaren hitzak musikatu eta egokitzearekin batera, Solsona eta eskualdeko kantu tradizionalak ere gaurkotu baititu, abesti garaikide benetan onak egiteraino. Ez da makala apaiz izan zen Verdaguer pop-rock doinuen erritmora mugitzen imajinatzea. Laburki bada ere, Pascal Comelade beteranoa aipatu nahiko nuke artikulu honetan, Enric Casasses poetarekin batera grabatutako diskoak, besteak beste. Erabiltzen dituen musik a tresnak (jostailuzkoak gehienak, pajita soil bat txirula gisa) edota PJ Harveyrekin egindako kolaborazioak ez dira anekdota huts, ibilbide sendo eta ezin kitzikagarriago baten bi adierazpen baizik. Beti jarraitzeko modukoa da Comelade jauna. Eta idazteari utziko diot orain. Idatzi bitartean traba egiten dit musikak, baina momentu ona da orain disko bat jartzeko. Katalanez abesten duten hainbeste pop bandaren ondoren, ordea, Bèstia Ferida aukeratuko dut, Adrián de Alfonso, Arnau Sala eta Mark Cunningham handiak egiten duten musika instrumentala. 2009ko irailak 27 Cretas ez han, ez hemen Abuztu honetan, ez Hawaii ez Bonbai, Cretasen izan gara oporretan. Kasu, Greziako Kretan ez, Teruelgo probintzian den Cretas (edo Queretes) herrian baizik, Matarraña (edo Matarranya) izeneko eskualdean. Parentesi artekoa ikusita, igarriko zenioten zerbait gertatzen dela han, nolabaiteko konfliktoa dutela, gurean ere (ipar zein hego) ezaguna dena: bi hizkuntza dituzte. Konflikto hitza aipatu dut, nahita, eta hemen dator azalpena. Lehen argazkia. Cretas (Teruel) eta Arnes (Tarragona). 618 biztanle lehenak, 510 bigarrenak. Lau kilometro eskas batetik bestera, ez dute bestelako herrigunerik gertuago. Cretas: bertako kaleetatik pasieran, ultramarinos batera iritsiko zara, egunkariren bat erosteko asmoz. Erakusleihoan Heraldo de Aragón, El País, La Razón, Abc, juxtu-juxtu La Vanguardia borboizalea. Aurrera egin eta, bide guztien antzera, Erromara ez, herriko plazara, Plaza Españara aterako zara. Hantxe duzu, ongi etorria egiteko, pintaketa bat: Arriba España. Kalean behera segi, eta herria bitan banatzen duen errepidea aurkituko duzu, Avenida Generalísimo. Arnes: superrean sartu zara, eguneko notiziak leitzeko intentzioarekin, eta hantxe dituzu Avui, El Punt, juxtu-juxtu La Vanguardia borboizalea. Paseatuko zara, noski, herriko kaleetan zehar, Lluís Companys, Onze de setembre, Plaça Catalunyara ailegatu arte. Bazter batean dago idatzia “Els catalans no són espanyols” –akaso espainiar batek idatzia, bestela “no som”, “ez gara” idaztea baita logikoena–. Hotel bat ireki berri dute, gainera, herriaren tamainarekin alderatuta, erraldoia. Tamaina horrexegatik ez balitz, Israelek han jarritako eraikin zuri prefabrikatu bat dela imajinatuko genuke. Hotel atarian, etengabekoa da bikote beltzaran klonikoen sartu-irtena. Bigarren argazkia Cretas, atzera, bertan izan baikara oporretan. Bandoak esnatu gaitu, goizean goiz: “Se avisa de que se cortará el agua ahora mismo”. Kontxo, ibaian kendu beharko gaueko izerdia. Baina jendea ikusten duzu kalean, adinekoak horietarik gehienak, haur batzuk ere bai, eta zera arraro batean ari direla entzuten duzu, betiko kastillanoa ez den hizkuntza batean. Kurioski, aurreko egunean, lau kilometro eskas harago, Arnesen, entzun duzun hizkuntza berberean. Tabernan sartu, kafesnea eskatu, eta hantxe hurbilduko zaizu Tio Gerardo, adar jotzen. Kastillanoz hasiko zaizu, zuk katalan traketsean ihardetsi, eta barkamena eskatuko dizu: “Es que pensava que ereu castellans”, “kastillanoak zinetela pentsatu dut”. Behin solasa abiatuta, ausartuko zara zu ere, eta galdera egingo diozu. Ez da isilik geratzekoa: “Behin, kanpoan, nongoa nintzen galdetu zidaten. Erantzun nien katalana. Katalana, zein herritakoa? haien arrapostua. Queretes (sic) herrikoa, nik. Orduan ez haiz katalana, esan zidaten. Horrelaxe ikasi nuen nongoa ez nintzen, behintzat”. Ondorio bat Bada ibaitxo bat, Algars deiturikoa, Cretas eta Arnes, bi herriak banatzen dituena. Sikua oso, sasoi honetan, egingo nuke oinez ere iragan daitekeela. Baina, nago, ibaitxo horrek dakarrena baino ur handiagoek egiten dutela handiegi lau kilometroko distantzia. 2011ko ekainak 05 Magal bete xenda Zer esango dizu hondarribiar batek, bazter eder askoak dituela bere herriak. Kontu ezaguna da, bestalde, bazterrok zapaldu dituenarentzat: alde zaharra, arrantzale auzoa, hondartza-itsasoak. Entzuna izan arren, ezezagunago izango du, akaso, edo ez hain ibilia, mendia, Jaizkibel, eta Hondarribia aldera erortzen zaizkion magalak. Herriaren zaratotsengandik aparte, hainbat xenda ditu ibiltzeko bake santuan. Jaizkibel hortxe du Hondarribiak, atzean, giza joan-etorrien bizkarrean. Aurrera doan herria izateak hori du, atzera gutxi begiratzen dela, are atzeko horrek eguzkia behar baino lehen ezkutatzen badizu, hodei beltzak ekartzen ez dizkizunean. Batzuk-batzuk, baina, konturatu dira hor dagoela Jaizkibel eta jarri diote pintxo saritu bati bertako airea. Mendian arnastea zail eta eskerrak jartzen diguten platerean. Baina oraindik mendira joaten den idealista horietakoa bazaitugu, egizu proba, ausartu Jaizkibelekin, sartu hara-hona zeharkatzen duten hainbat zainetako batean. Hartuko duzu sorpresa. Orain urte gutxi txukundu zituzten, eta markatu, xenda horietako bederatzi, sakon ezagutzeko Jaizkibel mendiak Hondarribiari eskaintzen dizkion magalak. Itsasertzekoak batzuk, mendi-mendikoak besteak, alderik alde egingo dugu guk hegia, pare bat xendatako zatiak ibilita. Jaizkibelen ipar-ekialdetik hasiko dugu bidea, Jaizkibelek izena galtzen duen lekutik. Itsasora erortzen baita mendia, uretan sartzen lurra Higerreko muturrean. Hasi bezala buka daiteke ibilbidea hemen, atzetik aurrera egin artikulu hau, deabrua bera agertuko zaigun beldurrik gabe. Higer, itsasargia, bizpahiru taberna, kanpina, bainu hartzeko kala ezin hobeak. Abiatzeko leku aproposa, esango du alferrak. Asturiagako hondartza, adibidez, erromatarren garaiko portua, aztarnak daude ikusgai Irungo Oiasso museoan. Gaur egunean belaontzi, urpekari, eguzki zaleak. Bainu salbai eta lasaiagoa nahi duenak baina, aski du itsasertza apur bat kurritzea, Artzuko errotaraino, besteak beste. Eta Kai berrian gora egin badugu Higerrera, San Telmoko gaztelua agertu zaigu begien parera. Piraten gaztelua, garai bateko beharrak bazter utzita baserri lanetarako egokitua XIX. mendearen erdi aldera, ez ditu galdu gaztelu baten ezaugarriak, dorre-airea tarteko. Baina utz dezagun behingoz itsasertza, hanka zuztarrak berotzeko ordua da eta: C hizkidun xendan barrena, goazen Talaia baserrirantz. Guadalupeko Ama Talaia baserria beranduagokoa da, baina izango du zerikusirik antzina arrantzale kofradiakoek baleak zelatatzeko eta eguraldi txarretan arriskuaz ohartarazteko bertan zuten etxolarekin. Aurrera jarraituta, Saraberdi baserri ondotik, garai bateko auzo-eskola zegoen bidegurutzetik, Gornutzera desbidera gaitezke pixka batean, auzoari izena ematen dion baserria ikustera. Herriko etxe zaharrenetakoa, 1462ko agiri batean agertzen da jada. Juan San Martinen arabera latineko cornu-tik heldu zaio euskarari izena, adar itxura baitu inguratzen duen lurmuturrak. Utzitako bidea atzera hartu, Nauskoarri sekula agortzen ez zen aska-iturri agortua pasa, pasa antzina sagardotegia zen Altxako baserria, Guadalupera iristeko aukeran gaude hartara. Ikurra da Guadalupe hondarribiarrentzat. Bertako ama dute zaindari, hari gurtzen dizkiote gurtu beharrekoak, esaterako, irailaren 8an. Eliza, zelaiak, gotorlekua, tabernak, ikuspegia dira ez galtzekoak. Martxa berriz hartu aurretik, ordea, ez ahaztu Ama Birjinari errezoa egitea, halakorik jakinez gero, behintzat. Gurutzeak ematen du aukera Jaizkibel gainera egiteko, malda pikoa, bigarren karlistadako dorreak ikusteko, edo eskuinetara, Pelloerrotako harizti, gaztainadi eta akazia arteko bidetik, Justitz baserrira iristeko. Kondairak dio Antso Abarka errege nafarra ehizara etorri zela, baina erregea bera izan zela ezustean harrapatua, hain zen ederra bertako alaba. Alegiak jatetxe, golf eskolari egin dio gaur leku. Hegiari jarraitzeko asmoa erakutsi dugu eta aldapan behera abiatzeko tenorea da, E xendatik azkar egingo dugu azken tartea. Tristanzahar hondatua, Tristanberri hondatua, Ballestarinea joko dugu hurrena. Garai bateko harrobi, egungo taberna, Santiagotxo ermita du ondoan, Santiago bidean zaindari, eta frontoi koxkor askoa, lau t’erdikoa ere hartuko ez lukeena. Maidaneako zubirantz egitea baino ez zaigu geratzen, Amuteko futbol zelaian emateko amaia. Hemendik aurrera, ibiltari, zurea da erabakia: lokomozio erosoena aukeratu, edo bidean atzera egitea, testu honetan barrena. Deabruaren beldur bazara oraino, badakizu: Guadalupeko Amari eskatu laguntza. 2012ko urtarrilak 08 Begi zolak erretzeko Bazterrak harrotzeko manerak dira mordoa, ibiltzeko bideak diren bezala bailara. Ze bide ibili, bazterra nola harrotu, hahor akaso kontua. Bartzelona esan zidaten niri, eta marjina gutxi hartara. Hiri zorua nola kurritu, baina, libre antzean utzi zidaten. Egin ezak hire Bartzelona. Baita zera ere. Ez dut besterik behar, haragi irekia hemen erakusten hastea. Gauza bat baita bisita eta beste bat, konpai, bizitza. Ez da gauza bera hiri bat bisitatzea, eta hiri hori bizitzea. Ez dut Bartzelona euskotarrez hustu nahi, gainetik, ez euskotarrak Bartzelona paparrean paratzearen harrotasunaz. Horrexegatik aukeratu ditut liburuak, besteek Bartzelonan barrena aukeratutako bideak. Eta Bartzelona literarioa den ez dakit. Tira, bai, edozer gauza literarioa den neurrian, bada. Baina seguru dakit liburu makina batean agertzen dena, garai-leku diferenteetako liburu saldoan. Bidea hasiko dugu geure autore batekin, autore unibertsal batekin: Koldo Izagirrerekin. Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri eleberriak zapaltzen du behin baino gehiagotan Bartzelona, tarte-parte ezberdinetan zapaldu ere. Has gintezke Modelo izeneko kartzelan –zeren eredu genukeen badaezpada hobe ez galdetzea–. Euskotarrok, trenez, autobusez, lur hartzen dugun Sants estaziotik oso gertu, Modelo presondegia. Bertan, vis a viseko gela da orain Salvador Puig Antich, Espainiak garrotatu zuen azken iraultzailea, anarkista bat, akabatu zuen aretoa. Eta preso batzuek, non dauden jakinik ere, lortzen dute biluziko bisitan berotzea. Libertate urreko gunea bisitatu ostean, airearen zabala eskertuko du bidaiariak. Suntsitu ezin izan zuten gaztelu madarikatuaren orpoan, Moll de la Fustan, narratzaileak euskal presoen aldeko batzordekoengana joan aurretik, beti bisitatzen ditu Salvat Papasseiten eskulturaren inguru zabalak. Ikusmira gazia, auskalo zertan den balizko batzorde aipatua. Oraino haize alde bazterrotan, haize berriak halere. Itsasoa bizkar utzita, Rambletatik gora hartzea onena. Sartrek Goragalea-n hamaika aldiz igo eta jaistea hain atsegin zituen Ramblak. Baina ez gaitezen Germinal-etik atera. Rambletan berton daukazue, ikusgarria da. Eliza baten ondoan dago Filipinetako Tabakoen Konpainia Nagusia, elizaren luzapen. Zer edo zer jakingo du Jaime Gil de Biedmak, hainbat urte lanean bertan. Konpainian lanean eta apur bat aurrera, Robador karrikan, gauaren konpainian. Hain xuxen, Robador karrikaren erdian birao egin zuen Bartzelonan Giuseppe Santo tipografoa zenak. Emagaldu, gameluren batek entzungo zion bart egin izan balu. Jean Genet Raval inguruotatik gehiegi urrundu gabe, aurkituko dugu Jean Genet, eta bere Journal du voleur. Noski, Geneten garaietan Raval ez zen Raval, Barriotxinoa zen. 1932an gaude. Eskaleek estaltzen dute dena zorriak bailiran. Genetek dio. Eta zorri izan zen bera, beraz, zorri izateaz kontziente. Migdia gaur ez da existitzen, baina Carme kalea bai, horiek bizi zituen batez ere. Batzuetan, seik egiten zuten lo izararik gabeko ohean, eta egun argitzetik joaten ziren merkatuetara, amoina eskatzera. Taldean atera Barriotxinotik, Paral.lel etorbidean banantzen ziren, kapazu bat besazpian, etxeko andreek errazago ematen zutelako, txanpona baino, porru bat edo arbia. Hamabietan bueltatzen ziren, zegoenarekin prestatzera jatena. Ez ziren zorriak soilik. Baita Las Carolinas deituriko emazteak ere. Ez dakit zehatz zer ziren, baina hau bai: xalak, mantelinak, zetazko jantziak, jaka estuak. Egun batean egin zuten segizioa, portu ingurura, hamaika soldaduren gernuak karraskatutako pixatoki batera. Paral.lel abiapuntu, Sant Pau bihurrikatu, Rambletatik behera hartu zuten Colonen estatuaraino bidea. Haien ahots zaurituak, minezko oihuak, keinu gehiegizkoak. Haien artean nahi zuen Genetek. Lotsaren alabak omen. Portura iritsita, kuartelerantz hartu, eta pixatokiaren txapa herdoil eta kirastuaren gainean utzi zuten lore sorta. Eta gero La Criolla. Cid kalean omen zegoen kabareta. Genet prostituitzen omen zen kabareta. Ravalen ostera gara. Stilitano besamotzaz zegoen esekita, baina, ai, gizon-gizona izan maingua. Sarri joaten ziren elkarrekin La Criollara. Ordura arte sekula ez zitzaien bururatu. Baina pixatokiko gizon batzuekin lortu zituen sosak eman zizkionean, Stilitanok erabaki zuen lagunak La Criollan lan egitea. Gustatuko litzaizuke emakumez janztea?, esan zion Genetek belarrira. George Orwell Giro itoa gurea, Rambletara aterako gara haize pixka bat hartzera atzera. George Orwellen eskutik aterako, Bartzelonako beste lekuen gainetik agertzen baitira Ramblak Homage to Catalonia liburuan. Izan gertaera epikoen eszenatoki, izan giza aldren topaleku. Edo izan gobernu errepublikanoaren eta milizia anarkisten arteko diferentzien elkargune. Cafè Moka ondoan zegoen POUMekoen egoitza. Poliorama teatroa, Reial Acadèmia de les Ciències de Barcelona, eraikin horren teilatuan eman zituen Orwellek hiru egun hiru gau, bizitzako lazgarrienak. Bertatik ikusi zuen, Bartzelonan lehen aldiko, iritsi zenetik itsasoa. Hasieran zail zitzaion zer ari zen gertatzen jakitea, nor ari zen noren kontra. Jendea ohiturik zen kale borroketara, tokiko geografiara, zer nork kontrolatzen zuen asmatzera: Rambletako eskuin auzoak, langile, argiro ziren anarkistak. Ezkerrekoetan, aldiz, guardia zibilak agintzen zuen eta PSUC komunistak. Orwellen aldea, ordea, Catalunya plaza ingurua, erabat zen nahasia. Colon hotelean, esate batera, PSUCen etxe nagusian, plaza garbi zezakeen metrailadore bat zeukaten errotulu erraldoiaren bigarren “O” horretan. Colon hotela, egun Banesto dena, garaian idazle, artista, batez ere arkitektoen bilgune zena. Bartzelona berriaren igurikapen, proiekzioen sorlekua. Baita Dolores Ibarruriren ¡No pasarán! oihu famako harena ere. Plaza osoa zen gerrarako. Adibidez Telefónica, Fontanella eta Portal de l’Àngel izkinen artekoa. CNTk hartua, bertan hasi ziren 37ko maiatzeko gertaera odoltsuak, Pere Calders handiak Gaeli i l’home Déu lanean birsortuak. Orwellek hasten du 9. kapitulua: “Lagun batekin gurutzatu eta esan dit, eman gabe garrantzi handia: zarata apur bat omen dago Telefónican”. Mercè Rodoreda 36koa bukatu zen noizbait, eta guk ere hasi beharko dugu bukatzen. Lasaiago, 35 bake urte etorri baitziren jarraian. Bartzelonakoak harrapatu zituen Mercè Rodoredak, kurioski, hirian gora eginez. Itsasertzetik abiatu gara, egin dugu Rambla-Ravaletan goitikoa, Catalunya plazatik barrena, akitzeko orain Gràcia auzoan. Zergatik ez, edari freskagarri baten konpainia noblean, auzoa inurritegi bilakatu duten terrazetako aulkiren batean, eguzkiaren epela azalean. Rodoredaren nobelak hartuz gero, Diamant plazan bukatzen hastea izango dugu onena. Bartzelonak ere nahi du bere nobela, hiri osoa biltzen duen paperezko fikzioa. Higiene literarioa muturrera eramanez, Sergi Pàmiesek egin zuen saioa, La gran novel.la sobre Barcelona izeneko ipuin bildumarekin. Serioago diren batzuek, baina, esan izan dute Rodoredarena, La plaça del Diamant, litzatekeela apika. Bada behintzat idazlearen lanik zabaldu eta aitortuena. Eta Gràcia du kokaleku. Enparantza, jai giroa, dantzaldi bat, halaxe ekiten dio lehen kapituluak. Baina ez da autoreak auzo horretan jartzen duen eleberri bakarra. El carrer de les camèlies du idazpuru Rodoredaren beste lan ezagun batek, Gràciako kale egun gatzik gabearen izena atxikita. Mirall trencat eta Aloma-k, ezagunen artean beste bik ere, gaur zapaltzen ari garen hiria hartzen dute geografia. Eta azkenerako, ez zait argi geratu literarioa ote den Bartzelona. Baina hemen aipatutakoak gehi beste asko eta gehiagotan agertzen dena, zalantzarik ez da. Begi zolak erretzeko moduko hiria, Bartzelona. 2013ko ekainak 02 Mundu baten hasiera Portua esaten zaio San Pedro kale entzutetsuaren alde banatara hedatzen den Hondarribiko auzoari. Jaizkibel magaleko auzotegiak gibelaldean. Parez pare Bidasoa, Txingudi, itsasoa; laño, Baionako barraraino. Izango da gaur egunean auzorik zapalduena, akaso estimatuena. Alde zahar eder, baina lozorro, denboran geldituak ematen duen postalezko irudiaren aurrean, bizitasuna baitu ezaugarri. Lehen kolpean eman dezakeenaren kontra, aspaldikoak dira auzoa existitzearen zantzuak: Antso Abarkarena zegoen, eta orain Carlos V.aren izena daraman gazteluaren bueltan osatu zen hiribilduaren aurrekoak. Madalena ermita zenaren inguruan hasi zen auzoa egiten. Santiago bideetan –eta kostako bideko pasaleku da Hondarribia– ibai ertzean eraikitzen ziren erromesen ostatuetako bat zen Madalenakoa. Baina beti izan da murruetatik kanpo geratu den auzoa, aldiria, errebala. Eta gaur egunean ezagutzen duen estimua, ez da beti izan halakoa. Itsasoari eta arrantzari emana, jaso izan du urte luzeetan zehar hiribilduaren destaina: etxe berriak eraikitzeko debekua, komertzioak irekitzekoa, labur, hiribilduari itzal egitekoa. Bigarren Gerra Karlistaren ondoren hasi ziren gauzak aldatzen, auzoa gaur ezagutzen duguna izateko bidean jartzen. Udalak, Alde Zaharraren gainbeheraz kontziente, “hiriaren etorkizun bakarra” Portuan zegoela erabaki zuen. Batetik, arrantza indarrean zelako. Baina bestetik, eta batez ere, hasiberria zen jarduera ekonomiko batek sortu zuelako esperantza: turismoak. Lehen Gerra Karlistan herrian agertu ziren soldadu britainiar haiek hasi zuten: bainatzen ziren eta eguzkia hartzen zuten Portuko hareatzetan, herritarrengan harridura eragin, itsasoko bainuak osasunarentzat kaltegarriak zirela uste baitzen garai hartan. Horiek izan ziren lehen “bañistak”. Egun, izen horrekin ezagutzen dituzte oraindik hondarribiarrek turistak. Egin dezagun guk ere soldadu britainiarrarena, izan gaitezen, egun batez behintzat, bañista. Eta has dezagun ibilbidea Madalen karrikan. Karrikaren gainaldean, eskailera mekanikoak jaisten hasten diren lekuan. Kotxea utz dezakegu bertan, garraio publikoa hobetu beharreko kontua baita Hondarribian. Eraiki aurretik auzo-erresistentziaren sinbolo –lelo gogoangarriekin, “Lajazia eskiletak dagozten bezela”–, behin eraikita, Leitzaranekin gertatu moduan, mundu guztiak erabiltzen ditu. Jaisten ari garela, berehala ikusiko dugu Madalena ermita zegoen lekua, egun etxetxo batek hartu arren, erraz irudika daitekeena. Motza da karrika gero: Amparito agurtu eta berehala gaude, Santiago kalea gurutzatuta, San Pedro entzutetsuan. Soldadu britainiarraren paradisu San Pedro kalea, beraz. Egun bateko soldadu britainiarraren paradisu. Ez alferrik, ostatu, pub, jatetxeak gehituta, 40 aukeratik gora ditu eskura bisitariak. Horietarik zenbait, gainera, adibidez Arrantzaleen Ermandadea, urte luzeetan familia beraren eskuetan, bestelako turismo eredu basatiagoengandik urrun. Bide batez, munduko arrain-zopa onena egiten omen dute jatetxe horretan, japoniarren arabera. Itsasoari begira ezker muturrean dago Azken Portu, garai batean arrantzaleentzat izango zena, gaur egun beste legatz klase batzuk harrapatzeko taberna. Bertatik hasten da Arrantzale auzoa ere, 1939ko etxe merkeen aldeko legeak akuilatuta eraiki eta, 46an, Francoren bustoaren aurrean, inauguratu zen etxadia. Junkien txokoa izan ondoren 80etan, merketik gutxi izango dute egun 58 etxebizitza horiek. Baina San Pedro kale osoak merezi digu, Azken Portutik Zabalaren txokoraino behintzat. Txantxangorri ostatuan har dezakegu zerbait, 1976ko jaietan Guardia Zibilak hildako Josu Zabala irundarraren omenetan. Oraindik indar pixka bat gorde behar baitugu, kresala bertatik bertara ukitzeko. Garai bateko Benta Zaharrera hurbiltzea dugu onena, Butroi pasealekua hasten den tokira. Hor nonbait jarriko zuen Espainiako errege Alfontso XIII.ak, 1928an, Nazioarteko Zubia deitu nahi izan zutenaren lehen harria. Baina Hondarribia eta Hendaia lotuko zituen zubi hori gabe ere etortzen dira gaur den egunean, saldoka, frantsesak –sinistu, frantsesak dira–. Luze gabe, bi ertzak batzen dituen txalupatxoan. Eta guk ere kontinente oso bat dugu begien pare, Bidasoaren bestaldean. Gero batzuek esango dute hau dela munduaren bukaera. Baina garai batean herriko senide pobrea bazen, aldeko haizeak jotzen dio gaur Portuari. Eta gehiago hartzen zaio, bukaera traza baino, mundu baten hasierarena. 2014ko azaroak 16 Kataluniako jendeak du boterea 2,3 milioi pertsonak eman dute botoa Kataluniako independentziari buruzko galdeketan. Azaroaren 9an jazotakoaren kronika egin du Aritz Galarragak Bartzelonatik; kolegioz kolegio ikusi, entzun eta sentitutakoa ekarri digu hona. Bezperako lapiko-jotzearen burrunbarekin esnatu da goizegi igandea. Iratzargailua itzali, Twitter piztu, berehala igarri zaio jaiegun arrunt bat izango ez dena. Batzuentzat inutil, besteentzat histeriko. Onena izango da mundu digitala utzi eta lotzea ukigarriari –ahaztu gabe, o, zoritxarra, etxean segapotoa noski–. Tarrapataka hartutako kafea baino hotzago dago kalea, ordea. Giroa motz Bartzelonako Gracia auzoan, azaroko igande goiz bati dagokion bezala –bai, izan arren Mediterraneo ertzean–. Bazterrak hutsik, sezesio aurrekoa baino, gerra osteko estanpa dirudi. Baina gaurkoa ez da igande normal bat. Igande normal bat ez da, hasteko, sekula zortziak baino lehenago hasten. Igande normal batek ez du, gero, artean ireki gabeko kolegio baten aurrean tamainako jendetzarik biltzen. Begi kolpe azkar batean, 300 lagun. Ilarako lehenengoari galdera, ea noiz etorri den. 8:30. Hogeita bost minutuan beraz ehunka, auskalo futbol entrenatzaile haren goiz-goiz altxatzeko aholkuari men eginez. Lehen gola. Oker ez banago, eta auskalo bakarrik, Madrileko Gobernuari. Ateak ireki dira, lehen pertsonak barrura sartu, adinekoak, zailtasunen bat dutenak uzten dituzte pasatzen. Zibilizatuak dira katalanak. Gaur gehiago, ohikoan kiosko, fruta denda, harategian baino. Hasi dira, hartara, aspaldiko irritsa betetzen: boto ematen. Zuzen. Pozik. Harro. Inutila izan ezik beste edozein gauza ematen duen ekintza batean. Sinetsita. Sinestea ematen baitu dela kontua. Gerra kazetarien antzera, nahiz bake garaian, jarraitu dugu errondarekin. Auzoko beste kolegio bat helburu. Jendetza berdin, ilara luzeagoa akaso. Kolegio arduraduna dagoeneko bertaratutakoei presa sartzen. 9:20 dira. Baten bat ez da egun bukaerara iritsiko. Mossoak hantxe, pareko espaloian; badaude, baina ez daude. Irrika bertsua boto emaileen aurpegietan. Hirugarren kolegio bat. Lagunak botoa emango du. Galegoa, gaur inork gogoratzen ez duen horietarik. Bigarren txartel bat gehituko dio boto arruntari. No volem un país normal. Ez dugu herri normal bat nahi. Prozesu parte hartzailea da, nahi duena esateko eskubidea omen du. Sant Gervasi auzoko kolegio batera orain. Errenta altuko jendea fiskalizatzera. Total zertarako: egia izango da gehientsuenek Kataluniako soberanismoaz diotena, transbertsala dela. Goiz da jakiteko oraindik, baina egunak emango digun argazkien artean: Artur Mas eta David Fernandezen arteko besarkada. Zabalagakoa baino estuagoa, bakarren bati ozpinduko dio eguna. Bi Kataluniak –izango ahal dira gehiago?–, batean. Auzora bueltatu gara, etxekoek eman behar dute bozka. Ireki eta hiru ordura, ilara berdina kolegio aurrean. Ilara berdina, ez noski berbera, azkar asko egiten baitu aurrera, hasierako ustea geldo utzita. Esan digu ikuskatzaile batek: bozka bat jasotzen dute minutu bakoitzeko. Azkar, aurrez kalkulatutako abiadura erdian, kontuan hartuta erroldarik ez dagoela, bozkatzaileen izena apuntatu behar dela –ideia gaiztokoak, lasai: sistema informatiko batek galarazten du pertsona bakar batek behin baino gehiagotan ematea botoa–. Bien bitartean, emakume bat oihuka, bere onetik aterata, ea zergatik bere etxepean kartelak itsatsi dizkioten kolarekin, izan zitekeenean zeloa. Jendea lasai, ez jotake, ez independentzia, denbora alferrik galdu gabe zuzen helburua betetzera. Boto txartela hautetsontzian sartzera. Etxekoek egin dute, egun handietakoa da ilusioa. Carmel auzoan harrapatu gaitu eguneko lehen datu ofizialak: 13:00etarako, 1.142.910 lagunek bozkatu dute. Aurtengo Europako Parlamenturako hauteskundeetan baino gutxixeago, egia da, baina 2006ko Estatutuaren inguruko bozketan baino gehiago, adibidez. Gaizki ez, dena den, butifarrendum baterako. Ezen Carmel auzora joan baikara, euforia apaltzera. Kaleak hemen hutsago, jendea ez hain okasiorako jantzia –globo, pegatina, kausarako kamisetarik gabe–. Baina kolegioetara iritsi eta berdin daude jendez beteta. Izango da agian ohikoan baino leku gutxiago dagoela bozka emateko, eta daudenak gehiago betetzen direla. Hori hala izanik ere, harridura da hemen berriz sentitu duguna. Eta aurreiritzien miseria. Espainol hiztunak ehunetik laurogeita hamar. Ferrariko ekipajearekin jantzita etorri den gizon bat kasurako, auskalo Seat autoa atean aparkatuta. Adineko emakume batek eman digu gakoetako bat izan daitekeena: politikari lapurrik ez edukitzeko balio badu behintzat. Kastillano ederrean, bistan da. Eskerrak ez duen Jordi Pujolen argazkirik ikusi, hura ere bozka ematen, bera ez bezala auzo jasoago batean. Non bestela. Eguna hasi dugun kolegio berean bukatu dugu eguna. Ateak ixteko hogeita hamar bat minutu falta, apenas dabil boto emailerik. Biharamuna da laneguna, gogoratu hemen kasu egiten diotela futbol entrenatzaile haren goiz-goiz altxatzeko aholkuari –markagailua zenbatekoa da partidaren une honetan?–. Arratsaldean txukun antzean ibili da bozkatzaileen joan-etorria, orain jaitsi da erabat, aitortu digu boluntario batek. Dagoeneko ezagutzen dute eguneko bigarren datu ofiziala: 1.977.531 katalanek eman dute 18:00etarako bozka. Nabari zaie aurpegietan poza, berdin nabaritzen zaie nekea, eta ondo egindako lanaren harrotasuna. Ezin oraindik etxera joan, ordea, oraintxe hasten baita boluntarioen bigarren lanaldia: eskolak itxi, botoa zenbatu. Eta dena, beste galego famatu hark esango lukeen bezala, profesionala, oso profesionala. Are kontuan hartzen badugu ez dela jende profesionala, baizik eta, esan dugu, bolondresa. Hara Gracia auzoko kolegio batek 2014ko azaroaren 9an eman duena: Bai-Bai 3.695; Bai-Ez 416; Bai-Zuri 45; Ez 111; Zuri 33; Beste 78. Eta, besteren gainetik, 4.378 auzotarren parte hartzea. Txaloak jo dituzte. Datu orokor eta definitiboak ezagutzen dituzue, bestela. Detaile eta argitasun osoz xehatu dizkigute biharamunetik. Gauza da prozesuaren hasieran, jar dezagun orain lau urte, muga dezagun orain bi urtera, prozesuarekiko eszeptiko zen honek, berdin jarraitzen duela eszeptiko azaroaren 10ean. Eszeptiko prozesuarekiko, iritsiko ote den norabait, ez ote duten politikariek bere egingo, eta eramango gehien komeni zaien bazterren batera. Besterik da jendeak benetako aldaketa bat benetan nahi duenaren aurreko konbentzimendua gero eta handiagoa dela. Zail da egiten bestelako irakurketarik, Kataluniako independentziaren gaineko prozesu parte hartzailetik. Jendeak ez duela soilik eskatzen bandera aldaketa. Ez duela eskatzen etxeko lapurrek kanpoko lapurrak ordezkatzea. Jendearen benetako nahia dela demokrazian sakontzea, egunerokoan hunkitzen dituen gauzen gainean erabaki ahal izatea. Herri berri bat nahi dute, baina besteren gainetik orain bizi dutenarengandik diferentea. Eta ez dute segur aski Espainiagandik bereizi nahi, ez bada orain eta hemen Espainiako Estatuak ordezkatzen duenarengandik. Eta nork ez. Desobedientzia bai, beraz. Demokrazia gehiago ere bai. Baina guztiaren gainetik azaroaren 9koa ez ote den izan ahalduntze ariketa bat. Jendearen botere hartze bat, beren orainaren eta etorkizunaren gainekoa. Pixka bat Peret gogoratuak rumba hartan esaten zuena, Kataluniak du boterea. Edo zehatzago, Kataluniako jendeak du boterea. Eta horrek dagoeneko ez du atzera bueltarik. Jendeak gero eta gehiago bozkatu, erabaki nahi izango du. Gero eta gauza gehiagoren gainean. Nahiz eta igandekoa baten batek ezerezera ekarri nahi izan. Nahiz eta CiUk eta PPk beren agendak mantentzeko adostutako kontsulta izan dela esan. Nahiz eta Kataluniako prozesu soberanista deiturikoa urtu, zergatik ez, gaur bertan. 2015eko martxoak 08 Artearen historia berrirakurtzen Artista italiar ahantzi bati eskainitako erakusketa, Pasioa Carol Ramaren arabera, aukera ezin hobea da artearen historiografia nagusia kritikoki berrirakurtzeko. 70 urtetan zehar egindako 200 bat lan, XX. mendeko artearen toki komunak zalantzan jartzeko. Historia, Ambrose Biercek, gisa honetantxe definitzen du: “Kontaera faltsua hein handi batean, gehienbat garrantzi gutxiko gertaerak kontatzen dituena, gehienbat gizatxar diren gobernariek eta gehienbat txoroak diren soldaduek eragina”. Besterik da garrantzia gutxiko gertakari horiek gero garrantzia handiagoko gertakariak eragin ditzaketen: apokaliptiko jartzearren, adibidez gerrak. Joseba Sarrionandiak, testu honetarako egokiagoa zaigun definizio bat ematen dio Historiari: “Behin eta berriro idatziz doan testua, gero borratua eta berriz idatzia izateko. Historiak era guztietako argumentuak pilatzen ditu, zer frogatu nahi duen oraindik ez dakien arren”. Sarrera modu hori zertarako, eta, erakusketa batean izan naizela esateko. Museu d’Art Contemporani de Barcelona-n. Izena: La passió segons Carol Rama. Ez Bach ez bi: Carol Rama. Lasai, segi irakurtzen, normala da haren izenik ez ezagutzea. Bost euro balio duen sarrerarekin batera jasotako esku-orrian ohartarazten digute: izena ez da ezein historiatan agertzen, ezta “emakume artisten historia” deitu duten horretan ere. Torinon jaioa, 1918an, industrialari familia batean; burgesa, beraz, estutasun handirik gabekoa. Ez behintzat ekonomikoki: heziketa artistikorik gabea, Ramaren hasieretako obran eragina izan zuten heriotzak –aitak buruaz beste egin zuen, alabak 22 urte zituela– eta itxialdi instituzionalak –ama psikiatriko batean sartu behar izan zuten, aitaren heriotzaren ondotik–. Orduantxe hasi zen pintatzen erakusketa honetan atentzioa gehien ematen duten akuarelak: emakume batek kaka egiten du, giza zakil bat ornitorrinko batean sartzen da, gorputz batek eskuekin zabaltzen du bulba, suge bat ipurtzulo batetik irteten da. 1945ean erakutsi zituen lehen aldiz jendaurrean: Italiako gobernuak zentsuratu egin zituen, “lizunkeriagatik”. Ibilbide artistikoa ez zuen hor gelditu, ordea. Paul, aka Beatriz, Preciado komisarioak idatzita utzi duen bezala, “hogeigarren mendeko artearen kontra-artxibo” gisa har daiteke-eta Ramaren obra. Lehen erakusketa haren zentsura “ohartarazpen” modura hartu zuen, hori bai, motibo figuratiboak alde batera uzteko gonbidapen. 50etan, “gerra abstraktua” jarri zuen martxan, Movimento per l’arte concreta taldearen baitan, bere obrari “nolabaiteko ordena” eta “gehiegizko askatasuna mugatzeko”. Hamarkadaren erdialdera, arte konkretua lantzen zuen taldearen konbentzio geometrikoengandik urrundu, eta material berri, teknika berriekin esperimentatzen hasi zen. Adibidez, 60etan, Rama gerturatu zen esperimentazio linguistikoa lantzen zuten artistengana, Novissimi taldekoen poesia bisualera, bereziki Edoardo Sanguineti idazlearengana. Sanguineti berak bricolages deituko zituen lanak egin zituen garai hartan, elementu organiko eta inorganiko desberdinen nahasketatik sortzen zirenak. 60. hamarkada amaieratik aurrera, Italiako eszena artistikoa berenganatu zuten arte povera mugimenduko figura maskulinoek: Alighiero Boetti, Giuseppe Penone, Giulio Paolini, Mario Merz, Pino Pascali, Michelangelo Pistoletto. Carol Rama, beste behin, eszena horretatik kanpo geratuko da. Nahiz kautxuzko pneumatikoak sarri agertzen diren garai hartako obran –aitak, hondoa jo aurretik, bizikleta fabrika bat izan zuen–. Baina ez bakarrik: oin eta hanka protesiak, kristalezko begiak, betazalak, ilea, azala, azkazalak, hortz naturalak, osagai elektrikoak (fusibleak, bateriak), medikoak (xiringak). 70etan, ia esklusiboki erabiliko ditu kautxuzko pneumatikoak, taxidermista batek azala lantzen duen bezala erabili ere. 1980an, Lea Vergine komisarioak Ramaren obra “deskubritu” zuen: lehen akuarela haietako batzuk sartu zizkion, L’altra metà dell’avanguardia 1910-1940 izeneko erakusketa kolektiboan. Ehun bat emakume artistaren lana jaso zen bertan. Deskubrimendu horrek, aldiz, berriz geldiarazi zuen Ramaren sona. Bi modutara: aitorpena ematen dio, baina soilik emakume gisara aurkeztuta. Eta gazte garaiko obrak bakarrik erakutsita, ondorengo obra guztia uzten du ilunpean. Sorkuntzak ez du etenik, ordea: 90etan, animalia gaixoen errepresentazioak margotuko ditu, orduko hartan modako zeuden behi eroak. Autoerretratu gisa ere aurkeztu zituenak: “Neroni naiz behi eroa”. Errekonozimendua-edo, 2003an iritsi zitzaion Ramari: Urrezko Lehoia eman zioten Veneziako biurtekoan, zazpi hamarkadatan zehar egindako lanagatik. Hartara, goitik behera betetzen dira Carol Ramaren kasuan, Guerrila Girls kolektibokoek aipatzen zituzten iragarpen haiek guztiak: “Emakume artista izatearen abantailak dira, laurogei urte dauzkazunean hasiko direla nabarmentzen zure lana; egiten duzun edozein gauza ‘femenino’ gisa izango dela sailkatua; eta artearen historia berraztertuetan sartuko zaituztela”. Paul B. Preciadoren testura itzuliko gara, Elearaziko lagunek osoki euskarara ekarri duten horretara –eta ondo pentsatuta, nik ere ekar nezakeen osoki hona, bestelakoekin eman beharrean alamena–. Erakusketa “minoritarioei” arrisku bat ikusten die: kontakizun historiografiko handiaren barruan, oin-ohar huts gisa amai dezaketela. Pixka bat horrela: “Egia da, arte modernoa Europa erdialdeko gizon zuriek egin zuten batez ere, baina ez ahaztu, hor zeuden, baita ere, Sonia Terk, Liubov Popova, Claude Cahun, Dorothea Tanning… Eta, batzuetan, itzalean izan arren, gauzatxo zoragarriak egin zituzten”. Bestela, erakusketa minoritarioak bi multzotan sailkatzen ditu: nolabait “unibertsalistak”, unibertsalera iristeko balio dutenak, alegia, narrazio hegemonikoak xurga ditzakeenak. Eta “identitate politika”-ren logika darabiltenak, zeinak arriskua duten diferentziak birnaturalizatzeko, anekdota huts gisa txertatzeko historia handian, berretsiz narrazio hegemonikoa. Preciadok berak Rama bisitatu zuen erakusketa prestatzeko aitzakian. Baina 2005ean kontzientzia galtzen hasi zen artista, prozesu azkar batean. Artearen historiak erabat ahaztu du Carol Rama. Carol Ramak orain erabat galdu du oroimena. “Artearen historia da gure amnesia propioaren historia”, dio Preciadok. Eta zalantza planteatzen, ea erakusketa izan daitekeen artistaren memoria berreraikitzeko edo asmatzeko modu bat, ala, aitzitik, gure saiakera amnesia-proiektu orokor horren parte izango den. Sarrionandiaren definizioaren haritik, zalantza gutxiago dago: Historia, berriz idatzia izaten ari den momentu honetan –ze momentutan ez da berriz idatzia izaten ari?–, ziria sartzeko, esan nahi baita sartzeko falka, besterik ez bada muturra, probestu beharra dago. Bartzelonakoa bukatuta, Pariseko Musée d’Art Moderne izenekoan dugu aukera, apirilaren 3tik uztailaren 12ra. 2015eko maiatzak 10 Egun bat Bartzelonan Kataluniako hiriburuan izan dira Bernardo Atxaga eta Manuel Rivas, Unibertsitate Autonomoko euskal eta galiziar lektoreek gonbidatuta, Sant Jordi bezperan. Saio bat eguerdian, bestea arratsean. Baina ez ote zen izan continuum bat, goizean hasi eta gaueko ordu txikietan bukatu zena. Noski, lan orduetatik kanpo esandakoak ez ditugu hemen jasoko. Gaua gauekoentzat. Hauek dira egun argitan esan zituztenak. Atxaga eta Rivas. Rivas eta Atxaga. Bartzelonan. Katalunian. Quim Monzó bakarrik falta zen, anfitrioi, behin eta berriro esan izan den hori errepikatzeko: Espainiako sistema literarioak onartzen dituen idazle periferiko bakarrak, hiru, nazionalitate historiko bakoitzeko bana, elkarren arrimuan. Ez oraingoan literatura periferikoen ordezkari, ez bada elkarri nahi baino arrotzago zaizkion literatura nazionalena. Esan zuen Atxagak, denok uste dugu bizi garen mundua zentrala dela, ez zerbaiten menekoa. Ez dagoela periferiarik, probintzia mailara murriztu nahi gaituztela. Azken batean, zentralitatearen inguruko gatazka dela dena. Baina literatura nazionalen ordezkari ere, ez dakit bada. Hasteko, ez zirelako etorri enbaxadore lanak egitera. Enbaxadorea osotasun batetik ateratako lagina da Atxagaren arabera, osotasuna ordezkatzera letorkeena. Zer egin, ordea, osotasuna baino, jatorri trinkorik ezean, beste zerbait daukagunean? Zer egin idazlearen figurak, hain zuzen, gatazkatsua beharko lukeenean komunitatearekiko? Rivasen esanetan, gehienera ere, komunitatearen baitako ahots diskordantea izatea da idazlearen erronka. Biei ere, ordea, nahi bada nahi gabe, egokitu izan zaie hurrenez hurren euskal eta galiziar literaturen ordezkari papera. Bestela ez leudeke biak Bartzelonan elkarrekin seguruenera. Bestela ez lukete beteko, bete duten bezala, bi saioetako areto bakoitza –enpirikoa da: etorri izan dira beste idazle batzuk–. Madrilek ezartzen duen filtroa pasa duten idazle (ia) bakarrak dira. Biak dira Sari Nazional, Espainiako noski: 1989an Atxaga, Obabakoak liburuarekin; beranduxeago Rivas, 1996an, ¿Que me queres, amor? narrazio bildumarekin. Prisa taldearen babesa izan dute biek –zangotrabaren bat gorabehera–, bide egiteko estatu zabalean. Lagunduko zuen segur aski estatu horretaz biek ala biek marraztu duten irudiak. Gauza praktikoetara goazen: Zazpi etxe Frantzian ia aldi berean euskaraz, galegoz, katalanez eta gaztelaniaz argitaratu zuen Atxagak. Rivasek A desaparición da neve poema bilduma atera zuen Espainiako Estatuko lau hizkuntza ofizial nagusietan. Eta gaur, gosaltzeko ordura arte behintzat, inork ez du inoiz horri buruzko ezer nabarmendu. Zentzu horretan, hizkuntza desberdinetako literaturen arteko harremana ia ezinezkoa da, Atxagaren ustez. Eta ez bakarrik ustezko periferiek ustezko zentroarekiko. Itxuraz harrigarriagoa dena: ustezko periferien arteko harreman eza da etsigarriena. Literaturaz Baina hitz egin dezagun behingoz gauza serioez. Literaturaz, alegia. Madrilen filtroa pasa izana ez da bi autoreek duten antzekotasun bakarra. Badaude bien literatura zeharkatzen duten lerro batzuk: narratzaile gisa lortu dute sona, baina poeta nabarmengarri ere badira; iragan garaiak harrapatu nahi izan dituzte, adibidez 36ko gerra; behiekiko xera erakutsi dute, Behi euskaldun baten memoriak ahaztezina versus Un millón de vacas gogoangarria; Rivasen Dombodan pertsonaia, ipuin diferentetan agertzen dena, baina beti ezaugarri antzekoak dituena: isila, bere baitara bildua, Bi anai hartako Daniel hura izan zitekeen. Rivasek aitortu zuen, begirada partekatzen dutela, mundua beste begi batzuekin begiratzeko nahia. Landa lurraz idaztea da seinalatu izan zaien beste antzekotasun bat. Landa bizitzari batzuek atxikitzen dioten estigma klasista errefusatu zuen Atxagak. Rivasek gehitu zuen ikusitako lehen behiak urbanoak izan zirela, Coruñako Montealto auzoko larre batean. Noski hiriaren birmoldatzeak desagerrarazi zuen larrea, eta larrearekin behiak. Nagusitasun ikuspegi bat antzematen die Rivasek errealismo magiko eta antzeko etiketei. Errealismo magikoa baino, nahiago duela berak Max Aub idazlearen definizioa: errealismo transzendentala, alegia, harago joan nahi duena. Eta geografia baino, psikogeografia direla gehiago bere liburuetakoak, mundu desberdinen nahasketa. Atxagarentzat espazioa ez da hain garrantzitsua. Zu bertan egiten, oroitzen, sufritzen ari zarena da benetan inportantea. Literaturaren muina xehetasunak direla gehitu zuen, Josep Pla katalanak esandakoaren ildotik. Atxagak bere lanean askatu nahi izan duen korapiloa: gehien ezagutu duen lekua ulertzen saiatzea. Une batean ulertu zuen jaioterria antzinako leku bat zela. Bi mila urtean iraun duen hari bat bazela, telebistaren etorrerak hautsi duena. Biolentziaz hitz egitea ez zetorkion ondo, ez zen bere mundua, baina inposatu egin zitzaion, ezinbestean. Idazleak gauza inportanteei aurre egin behar die, hartara, hori da konpromisoa, kable bat izatea lurrera. Rivasek, bere aldetik, konpromisoaren zera horretan, garrantzitsua dela ñabardura. Eta Miguel Torgak esaten zuena: idazlearen lehen konpromisoa idaztea dela. Idazten duzun guztiak konprometitzen zaitu. Eta badago beste leku bat, beste alde bat, ez da bakarrik ikusgarri dena. Poesia saiatzen da beste leku hori bilatzen, dio Atxagak. Rivasentzat poesia litzateke lehen lengoaia, zelula ama. Lehen bertso lerroak gogoratu zituzten: “Tienes los ojos del color del onix, y tu pelo es como el de una morena de Guadix”, Atxagak. Euskaraz idazten hasi zen gero, Bilbora joan zelako. Hizkuntzaren hautuari dagokionean, aitaren gorbatarena gogoratu zuen Rivasek: estuagoa gorbata, hobeto hitz egiten zuen gaztelaniaz. Amerikana bana bai, baina lepoa estutzen zien gorbatarik gabe azaldu ziren biak Bartzelonara. 2015eko ekainak 07 Bizitzeko manerak Atzera begirako baten aitzakian, hobeto ezagutu ahal izan dugu Sophie Calle (Paris, 1953). Argazkilaria, idazlea, artista, Modus vivendi erakusketan bildu diote azken 30 urteotako obra. Artea bizitzeko manera edo, zehatzago, manerak, hotz baino beste edozer gisaz utziko zaituztenak. Julio Cortazarrek badu ipuin bat, Deabruaren lerdea, non agertzen den Roberto Michel, frantziar-txiletarra, itzultzailea eta afiziozko argazkilaria bere orduetan. Kalean bikote bat ikusi du ausaz, ikus zezakeen bezala lagun talde, zakurrarekin pasiatzen den nerabe edota familia alegera. Baina bikotea harrapatu du –edo bikoteak harrapatu du bera, auskalo–, eta hortxe dago zain, petrilean eserita, ia konturatu gabe argazki kamera prestatuz argazki pintoresko bat ateratzeko. Atera bitartean, ordea, bikotearen balizko bizitza eta mirariak irudikatuko ditu Michelek, xehe. Jon Alonsoren itzulpenean: “Ez naiz deus deskribatzen ari, ulertzen saiatzen ari naiz bakarrik”. Pixka bat da Sophie Calleren obra ezagunenetako batzuekin gertatzen dena: adibidez, aliritzira, gizon desberdinei argazkiak ateratzen dizkienean atzerriko hirietan; adibidez, lagun eta ezagunak gonbidatzen dituenean bere ohera, gero lotan erretratua egiteko; adibidez, jende ezezaguna hasten denean jarraitzen kalean, inolako aurre-estrategiarik gabe, jarraitze hutsagatik. Bere lehen lana izan zen azken hori, 1978an: “Ez neukan egiteko ezer hoberik. Aspertuta nengoen aspertuta egoteaz. Azkenerako ulertu nuen nire burua jarraitzen aritu nintzela”. Jendeari gustatu zitzaizkion argazkiak. Bartzelonan eta Buenos Airesen ditu erakusketak orain. Voyeur esan izan diote batzuek. Beste batzuek esan izan diote exhibizionista. Bada, voyeur eta exhibizionista, biak batera esan izan dionik ere. Ez du horietatik ordea. Ez behintzat gainontzeko guztiok baino gehiago. Baliabide ustez autobiografikoak erabiltzeak ez dio sekula diskurtso artistiko bat eraikitzea oztopatu. Kontrara, esana utzi du elkarrizketaren batean: “Nire bizitza erabiltzen dudanean ez da nire bizitza, paretan zintzilikatutako obra bat baizik. Gauza arruntetatik datorren poesia da interesatzen zaidana”. Calleren lanak ez baitu zerikusirik intimitatearekin: “Nitaz dena dakiela uste duena, erabat okerturik dago. Nire lana nire intimitatetik sortzen da, bai, baina ez du inoiz agerian uzten. Gainera, mundu guztiak ahaztu egiten du nire proiektuen erdiak ez duela nitaz hitz egiten, besteez baizik”. Muga horien baitan, edo, hobeki, muga horiekin jolasean daude Calleren obretarik asko. Luze gabe, garrantzitsuena: Prenez soin de vous, 2007koa. E-posta bat jaso zuen artistak, bere bikotekidearena, zeinean bikote harremana hautsitzat ematen zuela jakinarazten zion gizonak. “Zaindu zaitez”, ematen zion akabua. Ez motz, ez nagi, zainduko zela erabaki zuen, 107 emakumeri pasa zien testua, bakoitzak beretik interpreta zezan –epaile, igarle, estilo zuzentzaile, zerbitzu sekretuetako poliziak zeuden tartean–. Hauxe sexologoaren erantzuna: “Depresioaren aurkako pilulak hartzeko motiborik ez dut ikusten. Gertaera malerus batek min eman dezake, baina soluzioa ez da kimikoa”. Emaitza, aldiz, ezin ikusgarriagoa; eta zalantzan jartzen dizu, segun ze kasutan, e-postaren erabilera bera. Kontua da, esperientziaren eremuan kokatzen dela Calleren obra. Norbere nahiz besteren esperientzian. Izan daiteke bizitakoa nahiz kontatutakoa, erreala nahiz fikziozkoa, zuzenekoa nahiz geroratua, iragan nahiz etorkizunekoa, amestutakoa nahiz desio izandakoa. Eta artearen baitara ekarri dituela simulakroa eta itxura, limurkeria eta begirada, fikzioa eta oroitzapenak, sarkinkeria, espioitza, jarraipena eta iruzurra, jarraitzaile izatea eta jarraitua, begiratzailea eta begiratua. Orainaren arkeologia da Callerena, eta kalea du tailer. Nor da Sophie Calle Istorio egile, faiseuse d’histoires, deitu zion Herve Guibert idazleak. Baina nor da zehatz hainbeste argazkitan hain modu diferentetan agertzen zaigun emakumea? Paper bat jokatzen ari den aktorea? Artista bat pertsonaia baten antzezpenean? Artista beste pertsona batez mozorrotua? Artista bere buruaren interpretazioan? Edo artista, unean uneko, bere horretan? Paul Austerren Leviatan eleberriko pertsonaia bat, Maria Turner, Sophie Calle artistaren trasuntua omen da: “Artista zen bera, baina egiten zuen lanak ez zuen zerikusirik normalean arte gisa definitzen ditugun lanak egitearekin. Batzuek esaten zuten argazkilaria zela, beste batzuek kontzeptualista esaten zioten, beste batzuentzat idazle bat zen, baina definizio horietako bakar bat ere ez da zehatza, eta azken buruan uste dut ezin dela inolaz ere sailkatu. Bere lana burugabeegia zen, pertsonalegia ezein bitarteko edo diziplina jakinetan sailkatzeko. Ideia batek bereganatzen zuen, proiektuetan lan egiten zuen, arte galerietan erakuts zitezkeen emaitza konkretuak zeuden, baina aktibitate hori ez zen jaiotzen hainbeste artea egiteko desio batetik, ez bada bere obsesioei men egiteko behar batetik, bere bizitza nahi bezala bizitzetik”. “Ez naiz ni”, aitortu zuen behin Callek; “ni puskaz eroagoa naiz”. Galdetu izan diote inoiz arte feminista egiten ote duen. “Ez da aldarrikapenik izan nire lanean”. Aditu direnek aitortzen diote, ordea, emakumea agerrarazi izana artean. Ez berari bakarrik, noski. Baina emakume musaren paper tradizionalki pasiboa baliogabetu zuten, ama eta prostitutaren polarizaziotik harago zihoan eredu ordura arte ezezagun bat sortu zuten, genero gailenei bizkar eman zieten, pinturari eta eskulturari, besarkatzeko argazkilaritza, bideogintza edota performancea. “Hala ere, esaten didatenean, konplimendua da niretzat”. Beretzako hilobi bat erosten agertzen da Calle berari buruzko dokumental batean, Bolinas, Kalifornian. Dena den, heriotzaz baino gehiago ez ote duen hitz egin absentziaz, galeraz, gabeziaz. Cortazarren ipuin hartako pertsonaia hark esango balu bezala, “ez naiz deus deskribatzen ari, ulertzen saiatzen ari naiz bakarrik”. 2015ko abenduak 27 Aragoieraz idazten duelako Euskaraz irakur dezakegu orain poeta aragoitar bat, segur aski nagusiena, Ánchel Conte. Joxemari Sestorain itzultzaile, Denonartean argitaldari, Denbora eta egunak du poemategiak izena. Eta galdutako lagunaren hutsunea, oroitzapena, maitasuna du oinarri liburuak. Aragoieratik euskarara sekula itzuli den gisa horretako lehena. Euskal Herritik Kataluniara eta Kataluniatik Euskal Herrira lekualdatzeko gurutzatzen den lurraldea. Definizio hori hartuko luke Aragoik hiztegi pertsonalean. Gallur inguru hartan hasi –edo bukatu– eta Fragatik gertu bukatzen dena –edo hasten–. Halere, aholku praktiko bat: askoz eraginkorragoa da Huescatik barrenako bidaia, eta merkeagoa. Hain zuzen, lekualdatze horren helmuga izan daitekeen Bartzelonan aurkitu dugu Ánchel Conte idazle aragoitarra, ez alferrik, eta sorterrira egindako joan-etorriekin, bertan bizi baita azken urte luzeotan. Juntadizoak ez du aitzakia handirik behar, baina badugu bat ona, kasu honetan: poema bilduma baten euskaratzea, Denbora eta egunak, Conteren bigarrena, 1996koa. “Aragoieratik itzuli den lehen liburua”, juntadizoan parte hartu duen Joxemari Sestorain itzultzailearen esanetan. Hori baitu bereizgarri Contek, aragoieraz idazten duela. Alcolea de Cinca herrian jaioa, 1942an; aragoieraren aztarnak aurki zitezkeen gaztelaniaren lexikoan, forma sintaktikoetan, aditzen konjugazioan. 1880 aldera sortutako aitonak, zahartzean, burua galtzean, aragoiera berreskuratu zuen: besterik ez zuen hitz egiten. Baina Ainsara irakasle joan zenean hartu zuen Contek ezaguera: inguruetako herrixketako ikasleek ez zuten gaztelaniaz egiten, “haiek erakutsi zidaten aragoiera”. Geroztik ez du utzi, baina “ez nintzateke borrokatuko hizkuntza bat salbatzeagatik bakarrik. Jendea inporta zait. Aragoiera hitz egiten duen jendearen kasuan, salbatu behar da jende hori hizkuntza horrekin”. Lurraldearen suntsiketa ezagutu zuen Ainsako urteetan, programatua. Itxi ziren berrogei eskola hiru urtean. Familiek behiak saldu, etxeak utzi eta Barbastrora alde egin zuten. Urtegiak ez ziren soilik suntsigarriak, energia gero Euskal Herrira eta Kataluniara eramaten zen. Basotzeak transhumantziarekin bukatu zuen. Gobernadore Zibil batek Huescako probintzia definitu zion behin, inolako erreparorik gabe: iparraldea zuria, eski estazioak; erdialdea urdina, urtegiak; eta hegoaldea horia, galsoroak. “Gerra erbesteratuak gutxi balira –ia populazioaren erdia–, suntsiketa frankista izan zen izugarria, lurraldea erabat itxuraldatu zuten, hustu ia. Eta hor piztu zitzaidan lurraldearekiko kontzientzia”. Hizkuntza, beraz, baina halaber kultura, ekonomia, oinarrizko eskubideen defentsa. Gaur egunean panorama beltza du aragoierak, “azkenetan egon daiteke”. 25.000 hiztun izango dira guztira. “Egia da kontzientzia linguistikoa handitu egin dela hirietan. Baina herrietan gutxiago hitz egiten da duela berrogei urte baino. Gainera, hiztun berriek ez dute sinesgarritasunik patrimonialen aurrean”. Dialekto aldaera handia dago gero, “filologo batzuek defendatzen dute ez dela existitzen aragoiera. Akademia batek bakarrik konpon dezake hori. Bi paraestandar sortuta, ekialdekoa eta mendebaldekoa, denborarekin estandar bakarra osatzea helburu. Okzitanierarekin egin duten moduko zerbait”. Baina hizkuntzaren aldeko erakundeen artean ere gerra da erabatekoa: “Adibidez, ortografiaren aferan, proposamenak errotik diferenteak dira”. Gatazka, beraz, hiztunen artean, erakundeen artean. Eta halaber politikarien artean. Conteren ustean, aldiz, soluzioa gobernutik iritsiko da, iristekotan: “Ezinbestekoa da koofizialtasuna, aragoiera hitz egiten den lekuetan, eta ikasketa derrigorrezkoa, modu progresibo batean, nahi bada”. Alderdiek orain kontsentsua bilatu nahi dute, denek zerbaiti uko egitea: “Baina ezer ez edo gutxi, bi horien artean aukeratzeak ez du zentzurik; kasu honetan gutxik ez baitu ezertarako balio”. Gehituko dizu ezin dela hizkuntza patrimonializatu, ez dela inorena, ezpada hitz egiten duenarena. “Hizkuntza eta nazioa ezin dira berdintzat jo, hizkuntza hartuta identitate ezaugarri gisa, etnizista ia. Aragoitarra ez da aragoiera hitz egiten duena bakarrik. Aragoitar nazionalismoak kontzientzia linguistikoa esnatzen lagundu du, ondo. Baina hasieran Consello d’a Fabla Aragonesan mota guztietako jendea zegoen, PPkoak barne, eta orain bakarrik daude CHAkoak”. Badaki ez dela ideia sobera zuzena,baina aragoiera katalanaren biktima ere badela uste du. Pankatalanismoak min handia egin diola aragoierari: “Katalana ez dago arriskuan Aragoin, zazpi milioi hiztun daudelako mugaz bestaldera, Katalunian”. Alderdi katalan batzuen politika espantsionista eraso gisa hartzen dela dio: “Antikatalanismoa Aragoin endogenoa da, baina baita exogenoa ere. Betidanik existitu izan da, baina orain biziberritzen ari da, sekula aurretik ezagutu gabeko gizarte mailetan. Batzuek ez dute ulertzen katalanez hitz egiten duen aragoitar bat senti daitekeela aragoitar, eta ez katalan. Herrialde Katalanen ideia hori ez da ongi etorria Aragoin gehiengoaren partetik”. Egoera berri horrek ekarri du, hartara, besteak beste 2013an hizkuntzen legea aldatu izana, aurretik lasai asko katalana eta aragoiera zirenek izena ere galduz –gogoratu, pasa ziren izatera LAPAO eta LAPAPYP, hau da, Ekialdeko Eremuko Berezko Hizkuntza Aragoitarra eta Pirinioetako eta Pirinioaurreko Eremuko Berezko Hizkuntza Aragoitarra–. Gehitzen du Contek: “Katalana ez balitz hitz egingo Aragoin, aragoiera gaur ofiziala litzateke Aragoi osoan”. Denbora eta egunak Baina itzul gaitezen literaturara, poema bilduma euskaratu berrira. Sestorainen hitzetan, “gaiari dagokionez, lehen zatia eresia kantu luze bat da, Ánchelek laguna galdu baitzuen gaztetan nekazaritza lanetan ari zela. Bigarren zatian, amodioaren eta denboraren gauzak jorratzen ditu”. Liburuak, hartara, bi mutikoren arteko harremana deskribatzen du funtsean, frankismo garaian, lehen poemak 1969koak dira. “Urte horietan sexu bereko pertsonen arteko sexu harremanak legez galaraziak zeuden, eta kontzentrazio eremuak baziren Espainian LGTB jendea zigortzeko eta espetxeratzeko. Eta, jakina, hor zegoen bere lagunaren familia ere”. Kontuz ibili behar zen asunto horrekin, beraz, “eta kontuz ibili behar da oraindik, neurri batean”, dio Sestorainek. Gauza bat da Conte pertsona publikoa, jakituna, aktibista, eta beste bat Conte poeta. Berehala igartzen da. “Niretzat poesia, idazketa, ez da militantzia, gauza batean izan ezik: hizkuntzan. Baina naizen bezalakoa agertzen naiz poesian, nire buruarekin bakarka, ez dut programa politikoez hitz egiten”. Ainsako garaietan hasi zen poesia idazten: “Homosexual izatea ez zen erraza Ainsa bezalako herri txiki batean, 60etan; zure baitan bizitzera behartuta zeunden”. Testuinguru horretan jaiotzen da poesia, “sublimazio baten ondorioz segur aski: Antoniori eskainitako poesia guztia elegiakoa da, goititze horretatik jaiotzen da, falta zitzaidan hura goratzetik. Partekatzeko behar bat nuen, neurri batean biluztekoa”. Zentzu horretan, badu poema bat, Mai, Labordetak-eta abestu izan dutena, garai haien berri ederki ematen duena. “Ahalik eta argien hitz egiten saiatzen nintzen. Baina, noski, garai hartan hitz egin zitekeen modurik argienean”. Denbora eta egunak honen portadako argazkiagatik galdetuta, bai, Antonio da, poema batean agertzen den berbera: “Zuen larrainean / azken udan / egin nizun argazki bakarrak / murgilarazi nau gaur gogorapenetan”. Baina ez duzu ikusten garbi, lausoa da irudia: “1996an ez nintzen argazki hau jartzera ausartuko, orain ere kostata. Antonioren familiaganako errespetuagatik, eta Antonioganako: zer eskubiderekin jartzen dut nik argazki hori, hura hil ondoren”. Juntadizoa luzatzen hasi da eta, azkenerako inpresioa: aragoieraz idazten duelako, horrexek egiten duela ezezagun gure begietara. Bestela, huntaz eta hartaz lasai asko hitz egin dezakeen itzal handiko pertsona baten aurrean gaudela. Agur esan aurretik, azaroaren 27an liburu bat aurkezten zuela, gonbidapena. Ea liburu hori den inoiz iragarritakoa, bere bizitzari buruzko liburua. Ezetz, baina ari dela. Ez du falta materiala. Aitaren biografia oinarri: bizitza doble bat eraman zuen, alaba bat eduki Frantzian; guardia zibil izan zen, era berean maki. Azken hori jakin zuenean ulertu zuela, zergatik herrian aberatsek gaizki begiratzen zuten Ánchel haurra; ondo, aldiz, jende behartsuenak. “Inoiz lortzen badut hori guztiori paperean jartzea, abisatuko dizut”. Horretan agurtu gara. KULTURA 2016ko otsailak 21 Gerra hementxe dago Ziklo bat itxi berri du Miguel Sanchez-Ostiz idazleak (Iruñea, 1950). El Escarmiento, La sombra del Escarmiento eta El Botín argitaratuta, bukatutzat eman du 36ko Gerrak Nafarroan eragin zuen txikizioaren kontaketa. Baztertuak zituen hamaika proiektu berriz hartzeko moduan izango da hemendik aurrera. Baztan baitan, Baztan izan ginen, Miguel Sanchez-Ostiz –hemendik aurrera MSO– elkarrizketatzen. Barka topikokeria, baina zer nahi duzue, hala izan zen. Zehatzago, Arraiozen, bertan bizi baita azken garaiotan idazle iruindarra. Lekaroz, Zozaia, orain Arraioz, baina 1995etik Baztan: “Baztan izan da nire bizitzan ondoen bizi izan naizen lekua, erosoen, askeen, inguruarekin harreman onenak izan ditudan lekua”. 2007an utzi zuen, Iruñera itzultzeko, baina ziztu bizian egin zuen atzera. Orain ere ez du ezer jakin nahi Iruñeaz, “gero eta arrotzagoa zaidan hiri bat”. Esan izan du inoiz: “Iruñean pentsatzen badut, nire baitan gero eta hilagoa dagoen zerbaiten antza hartzen du, apenas motibo literario bat, inork nekez ezagutuko lukeen memoriaren eszenatoki bat”. Baztan, beraz. Gure bazterrak, ordea –eta barka bigarren topikokeria–, ez dizkigu lanbroak ezkutatzen: eguzkia parez pare, zerua bleu glacé, are bukolikoago eginez berez beste edozein bazter bezain krudela datekeen paraje ederra: adulterio, suizidio, biolazio, homizidio kontuak azaldu izan dizkiote bertan MSOri, guztiak ere “oso literarioak”. Gure bazterrak, hartara, baina ez Mikel Laboaren kanta hartan bezala: “Malenkonia biziko abestia, landarediak pisu izugarria hartzen duen hodei apaleko egun euritsu horien antzera”. Eta auskalo malenkonia hitza den egokiena, baina MSOren aldartea ez da kanpokoa bezain eguzkitsua: “ez dakit”, “berdin zait”, “ahaztu dut” erabiltzen ditu etenik gabe. Nahiz behin baino gehiagotan esan duen: orainaldia dela bizi beharreko denbora, existitzen den bakarra, ez dagoela lekurik nostalgiarentzat, hau da, poesia txarrarentzat. Esfortzu handia egitetik dator, esfortzu literario, intelektual eta, zergatik ez esan, pertsonal handi bat. 36ko Gerrak Nafarroan egin makurkeriei eskainitako trilogia bat, 1.200 orrialdetik goiti, orduak, egunak, urteak kendu dizkion proiektu bat, halaber osasun poxi bat. “Akituta, indar hustuta geratu naiz, ondoez handiarekin. El Botín bukatu nuenetik ez dut bururik altxa”. Gauza bat baita 36ko Gerraz New Yorketik idaztea, eta beste bat gertatu lekuan berean: “Agertzen diren izenak ez dira, Dovstoieskirenean bezala, errusiarrak, zure familiarenak baizik, ahaide, adiskide, barride, herrikideenak”. Horrek dena aldatzen du: “Ez duzu gauza abstraktuez hitz egiten, gertatu ziren gauza batzuez baino, oso ondo ezagutzen dituzun paisaia batzuez, zureak direlako”. Gerra pasa zela diote, baina ez: “Hementxe dago, bestela ez nukeen horri buruz idatziko”. Ez dira gorabehera soilik historikoak, “gaur-gaurko gatazka politiko eta sozialerako munizio bizia baizik”. Eta ez da hainbeste hamaika aldiz kontatutakoa berriz kontatzea, “ez bada ulertzen saiatzea orduko hartan gertatutakoak zergatik hunkitzen gaituen orain, behartzen gaituen posizio hartzera”. “Ez dut idazten historia errepika ez dadin, zerrikeria haien protagonistak zer egiteko kapaz izan ziren gogoratzeko baizik; orain ere, aukerarik txikiena izango balute, zer egiteko kapaz liratekeen. Borrokatzeko, ahal dudan neurrian, dominazio modu bat den oroimenaren suntsiketaren kontra”. Kontakizun historiko bat osatzea da helburua, beraz, ez mendekua edo kontu garbitzea. Eta barkamena baino, egindako minaren aitorpena eta konponketa eskuratzea. El Botín nobelaren hasieran Walter Benjaminen zita bat dator: “Izena izan ez dutenei ahotsa ematea da memoria historikoa”. W. G. Sebaldek, ordea, memoria historikoari kritika egin zion, ez aski, ez fidagarri, huts eta errepikakor zelakoan. “Madrilgo alkateak Millan Astrain (inguruotan esaten zitzaion moduan) kale izendegitik kentzeko nahia agertu du. Kontrakoen erantzuna: ez zen frankista izan, ez zuen 36ko Gerran parte hartu. Gezur hutsa. Nola ez duzu hori idatziko, egia historikoa ere aldatu nahi dutenean? Berdin zait Sebaldek zer esaten duen. Ezin da onartu historiaren berridazketa hau. Nahiko motibo bada idazteko. Ados, aski ez izan arren. Eta aski ez izatea baino, konponezina da, idazten duzuna idazten duzula, ez dago biktimak eta oinordekoak erreparatzeko modurik, jartzen ahal dute plaka bat, lau sos eman. Baina benetako arazoa da ez dagoela borondaterik krimen horiek argitzeko”. 36ko Gerraz idazteko asmoaren antzinakotasuna erakusten duen testu bat aurkitu dugu, La casa del rojo egunerokoan: “Gogoan dut orain urte batzuk Carlos Pujoli komentatu nion nobela hura: 1937-1938ko Iruñeari buruzko nobela. Oraindik idatz dezakedana. Narratzailea bilatu beharra nuen. Buruan ibili nituen zapata garbitzaile bat, egunkari saltzaile bat, liburu zaintzaile bat. Gero utzi egin nuen”. 1996ko maiatzaren 28koa da testua. Inon irakur daiteke, halaber, 2005ean, MSO delako bat zela kontakizuneko protagonista. “Hainbeste urtean, goitik behera aldatu da proiektua: hasieran nobela-nobela zen, Mola jeneralaren eguneroko lapurtuak oinarri zituena. Nobela hura eskaini nion Espasa-Calpe argitaletxeari. 2005ean esan zuten ezetz, beste nobela bat zeukatela Molari buruz. Oso ondo etorri zitzaidan Pio Barojaren biografia bukatzeko –nahiz biografia horrek ez zidan ekarri pozik batere: ez zitzaien gustatu oinordekoei, hagiografia hutsa baino ez dutelako nahi, eta negozioak martxan jarrai dezala–. 2011n, San Kristobal gotorlekura egindako bisita baten ondorioz, proiektua berriz hartu nuen arte”. Egin beharrekoa MSOk egin beharrekoa ote zen, auskalo bere bizitzako proiektu literario garrantzitsuena izan ote den, berak nahiago du aurrera begiratu. “Badago beste proiektu bat, nire familiaren historiarekin zerikusia duena, ezin dena gehiago atzeratu: deituko da Chimonco zikloa” (erreferentzia egiten dio Obanos herriko Chimonco etxe familiarrari, Los papeles del ilusionista eleberriaren portadan agertzen den hari). Nobela moztxeagoak, gertaera zehatzagoak, beste idazmolde bat. “Trilogia izan da zulatutako kotxe baten gurpila puztea bezala, puztu eta puztu, eta testua hedatu, eta ez testuaren beharragatik, puztearen inertziagatik baizik. Horrek estiloa honda dezake, eta idatzi nahi duzuna kaltetu”. Trilogiak izan duen harreraz galdetuta, kopeta zimurtu du. “El Escarmientoz zerbait hitz egin zen, El Botínez ezer ez”. Baina are harrigarriagoa zaio iaz ateratako La perorata del insensato eleberriarekin gertatutakoa: “Asko jarri nuen liburu horretan, eta erantzuna izan da erabateko isiltasuna. Nire bizitzan hartu dudan makilakadarik handiena”. Madrilgo kazetari entzutetsu batek esan zion: “Oso desagertuta zaude, borroka-argitaletxe horretan argitaratzen duzunetik”. “Pamiela bezalako argitaletxe batean ateratako liburu batek aukera asko dauka kasurik egin ez diezaioten. Ez dago aitzakiarik, liburuak dendetan daude, prentsako jendeak jasotzen ditu; orduan norbaitek eman behar du azalpenen bat”. Las pirañas eleberriaren oihartzuna aipatu diot: “Orain aterako balitz ez luke batere izango. Nitaz esan zuten Batasunakoa nintzela eta ETAren tesiak babesten nituela, 2005ean, kultura munduan pisua handia duen PPko goi kargu batek. Esaldia iltzatuta daukat oraindik. Egunen batean norbaitek ikertuko du garai hartan zer artikulu idatzi ziren Madrilen, eta zer esan zen. Ni harrapatu ninduen haizete batek bezala, agente literariorik gabe geratu nintzen, adibidez”. Garai batean ez zen hala: Herralde, Euskadi, Kritika, Principe de Viana sariak, Espainiako argitaletxe garrantzitsuenetan liburuak, Anagrama, Seix Barral, Peninsula. “Anagrama uztea izan da bizitzako erabakirik txarrena. Baina utzi nuen Seix Barraleko tipo batek nahastu ninduelako. Eta gero joan nintzen Espasa-Calpera, eta hori jada izan zen erabateko desastrea. Pio Barojaren biografia, esaterako, ez zuten inon aurkeztu”. Rafael Chirbes zena atera da hizketara: “Chirbesek egin zuen nigatik ahal izan zuen guztia. Oroitzen dut Kritikaren Saria eman ziotenean nola joan zitzaizkion TVEko kazetari batzuk. Hasi zen nitaz hitz egiten, geldiarazi zuten arte”. Hurrena zer aterako duen. Dietario bat, Rumbo a no sé dónde, baina azkena: “Aurreko batean, Aizkolegi menditik jaisten, artalde baten atzetik, ardi kaka freskoak ikusi nituen. Eta dietario idazle bat ikusi nuen bertan: errealitatea murtxikatzen duzu, digeritzen, eta kakatxoak uzten zoaz. Kontxo, idaztea ez da hori. Eta azkenaldian errealitatea asko errepikatzen da, gauzak azkartu egin dira, herrialdea zitaldu egin da modu beldurgarrian. Nekatu naiz ustelkeriak, abusu polizialak, biolentziak apuntatzeaz. Ez da generoan fedea galdu dudala: 1974tik idazten ditut egunerokoak, balio didate oraindik pentsatzeko; baina beste erabilgarritasun bat eman nahi diet, ez hain engainagarria”. Bidean geratutakoak eta datozenak Ziklo berri bat dator orain: “Zintzilik ditudan liburu batzuk, saiakera laburrak: Oteizaren poesiari buruzkoa, adibidez, beste bat aguretasunari buruzkoa, beste bat sustraitzeari”. Eta garai batean osatu nahi izan zuen Euskal Herriaren historia garaikideari buruzko saila? Hasieran sei nobelako proiektua, Las armas del tiempo, atera zen baten bat: “Bidean geratu zen, ez dut horri buruz idazteko gogorik. En Bayona bajo los porches izan zen bigarrena, saltsa egon zen pertsonaietako baten familiarekin, molestatu ziren, eta Iruñean izan nituen liskarren hasiera izan zen. Badirudi historia idatzi behar dela garaileek diotenaren arabera. Hirugarren nobela bat idatzi nuen, La nave de Baco, basoa gainezkarazi zuen tanta”. Izan zuen garai bat, Bolivia, Valparaiso, Bucarest, urrutira joaten zena: “Baina joaten garen lekura joaten garela, lehenago edo beranduago abiapuntura itzultzeko joaten gara. Sekula ez zara erabat esku hutsik itzultzen, noski: baduzu kontatzeko zerbait, zure kontakizuna, eta hori da altxorrik handiena. Gainera, ez duzu ahaztu behar osasun arrazoiengatik bidaiatzen zarela”. Jarraitzen du asko joaten Baionara –liburuak erosteko bizioarekin konplitzera, Arragon liburu dendara–, eta Donibane Lohitzunera, familia politikoa bertan bizi baita. Eta jarraitzen du idazten, asko idazten. “Zertarako? Amore ez emateko, ez etsitzeko. Gaztetxotatik, idatzi egin nahi nuen. Egiazko heriotza da desertzioa. Gogogabetasuna gainditu behar da, dena zakurraren salara bidaltzeko tentazioa. Eta sinesten duzun hori egin”. Azken esaldi hori bueltaka abiatu dugu itzulerako bidaia. Ez sobera urrutira, ez behintzat Baztango lurrean, MSO baitan izan ginela ahazteko tarte batean. 2017ko otsailak 05 Bidaia zapuztu baten kontakizuna Marianne Breslauer argazkilari alemanak Euskal Herrian zehar egin zuen bidaia 1933ko udaberrian, Annemarie Schwarzenbach idazle suitzarrarekin batera. Iruñea helburu, sei bat egun eman zituzten bazterrotan, eta hamabi argazki atera guztira. Berlinera itzuli zirenean, ordea, gauzak ez zeuden partitzean utzi bezala. Donostiako San Telmo museoan izan zen, Modernitate bakan bat erakusketa ederra ikusten –zeinean ezagutu daitekeen 1925-1936 artean Donostiak izan zuen leku nabarmena, abangoardiako une distiratsu eta emankorrenetako batean–. Izan zen Jose Luis Aizpurua, Nikolas Lekuona, Juan Cabanas Erauskin, Eduardo Lagarde eta abarrekoen kartel, margo, collage eta, batez ere, argazkiak ikusten –zeinak euskal artearen sortze-une historiko baten parte izan ziren, abangoardia espainiarraren barruan garrantzia nabarmena izateaz gainera–: kontxo, gure modernitateak ez du izan emakumerik. Ez du izan gureak, noski, aipatu erakusketako izendegiari kasu eginez gero, behintzat. Modernitateak oro har bai, ordea. Ez akaso Donostian, baina bai, adibidez, Alemania aldean. Hain zuzen ere, Donostiakoa nolabait hauspotu zuen Weimarko Errepublikako kultur iraultzaren baitan. Esate baterako Marianne Breslauer: Berlinen jaioa, 1909an, Alemaniako goi-burgesia ilustratuko familia batean, judutar jatorrikoa. Argazkilaria, izan ere, lanbide hori, argazkigintza, modan zegoen XX. mendeko 20ko hamarkadan, klase altuko alaben artean. Aldaketa sozialek ekarri zuten burgesiako emakumeek ere ogibide bat ikastea, badaezpada ezkongabe geratzen baziren. Eta argazkilaritza ez zen desegokiena, izanik heziketa artistikoa. Baliabide berria zenez, gainera, emakumearen sarrera bestelako arte diziplinetan baino errazagoa omen. Berlinen bazegoen emakumeek argazkia ikasteko zentro bat, eta hantxe egin zituen Breslauerrek ikasketak. Horiek bukatuta, Paris hartu zuen jomuga, garaiko jaidurak hala bultzatuta. Man Rayren estudioan hasi zen, 1929an. Dena den, bien arteko kontaktu eta eragina ez zen izan oso estua. Estuagoa izan zen, agian, Un chien andalou filma ikusi bitartean –labanak begia labaintzen duen eszena hartan–, Breslauerrek zorabiaturik Man Ray nahigabe besarkatu zuenekoa. Elkarri erretratuak egin zizkioten, bai, baina edo gazte alemaniarrak nahikoa zekiela ebatzita, edo hasiberriak hartzeko gogorik ez zuela erabakita, haren kontura jartzeko esan zion Emak bakia filmaren egileak. Harreman gehixeago izan zuen Breslauerrek, bere argazkiek bederen, Brassaï eta Kertész hungariar-frantsestuekin. Batez ere azken horrekin, gogo noragabe bat partekatu baitzuten: biek ala biek ibili zuten Paris alderik alde, kale, bazter, izkinetatik, hirian zehar galduz, jende erabat normalari eginez argazkiak. Eguneroko bizitzaren eszenak harrapatu zituzten, oharkabean igarotzen diren uneak, hutsalkeriak. Errealismo poetikoa deitu izan den hori, objektibitate berriaren aurrean. Breslauer ez zen inondik inora estudioko argazkilaria. Are, une batetik aurrera, gehiago izan zen albistari grafiko edo fotokazetari izenez ezagutzen duguna. Bidaiak egin zituen, Italia, Frantzia, Holanda, Palestinara. 1932an ezagutu zuen Annemarie Schwarzenbach idazleak bezala. Ezagutza inportantea: Schwarzenbach, suitzarra, 1908koa, Thomas Mann idazlearen seme-alaba Klaus eta Erikaren lagun mina, Tod in Persien (Heriotza Persian) edota Alle Wege sind offen (Bide guztiak irekita daude) liburuen egilea. Bigarren horretan, hain justu, Balkanak, Turkia, Iran, Afganistan zeharkatzen dituen bidaldi bat kontatzen du. Schwarzenbach, gizaki modernoaren desterru sentimendua sinbolizatzen duena, badakielako etxe, supazter, abarorik ez dagoela: “Nire gaixotasuna ez da iragankorra”. Bizimodu gorabeheratsukoa, segur aski biografiak itzal egin dio suitzarraren obrari. Eragin handia izan zuen, ordea, Breslauerrengan. Hain, ezen 1933ko udaberrirako bidaia bat pentsatu zuten, nora eta Espainiara (sic), nora eta, ohikoagoa zen Andaluzia ez, Espainia iparraldera (sic). Arriskatua dirudi, baina ez da hain arraroa: bidaia zen, hain zuzen, neue Frau, emakume berri, moderno, ustez askearen ezaugarrietako bat. XX. mendeko 20ko hamarkadan masa baliabide berriak agertu ziren, aldizkari ilustratu, publizitate, zinema; eta emakumeak adatsa garçon erara, galtzekin, maskulino, sexuen anbiguotasunarekin jolastuz. Aisialdia maite zuten, kirola: gimnastika, igeriketa, tenisa. Eta automobila. Automobila izan zen Breslauer eta Schwarzenbachek beren bidaiarako aukeratu zuten lokomozio bidea. Ez zen opor bidaia izan, idatzi eta argazkiak egin behar zituzten, Alemaniako argazki agentzia batentzat. Katalunia aldean ibili ondotik, Pirinioak zeharkatuta, Iruñea, Donostia, Loiola eta berriz Iruñea bisitatu zituzten. Hiri Buruzagiarekin zeuden gogoberotuta. Errua Ernest Hemingway idazleak zuen, zehatzago berak idatzitako The Sun Also Rises izeneko nobelak –Fiesta izenez ere ezaguna–, zeina 1928. urtean itzuli baitzen alemanera. Breslauer apika ez hainbeste, baina Schwarzenbach, bere biografia eta obra ezagututa, identifikatuta sentitu zen ziur nobelako pertsonaiekin, lost generation delakoa irudikatu zutenak. “Hemingwayk deskribatu zuen atmosfera arnastu nahian” egin zuten bidaia, beraz. Baina, Iruñea urte osoan izan daitekeen arren festa, maiatza ez da sanfermin, eta bertako argazki gutxi egin zituen Breslauerrek, Schwarzenbachek bueltan ez zion eskaini erreportaje bakar bat. Bidaia hartako argazkiak, oro har, ez dira leku esanguratsu, monumentu garrantzitsuei egindakoak –Loiolako basilika izango da salbuespena–. Bai, aldiz, detaile txiki, atentzioa ematen dioten pertsonaia, batez ere haur-gazteenak. Donostiakoak, portu aldekoak; Iruñekoak, karrika estanpak. Guztira, hamabi. Irudi batzuetan ikusten da, bestalde, bidaiariek sortu zuten ikusmina: Mercedes Mannheim zuri distirant kapotarik gabean, gizonik gabeko bi emakume, atzerritar, altu, ile motzeko, zigarreta eskuan. Espainiako hezkuntza kritikatzeko erabili zituzten erretratu batzuk, gobernu modu berriarekin zuzenduko zela zioten. Besteren gainetik zegoen Bigarren Errepublikak ekarritako aldaketen gaineko interesa. Berlinen atzera, erreportajeak ezin izan ziren publikatu Alemanian. Naziek boterea eskuratuta, 1933ko urtarrilaren 30ean izendatu zuten Adolf Hitler Alemaniako gobernu-buru, eta handik gutxira hasi ziren hainbat herritarren hainbat eskubide uzten baliorik gabe. Argazki agentzia ez zen ausartu Breslauerren lana haren izenez argitaratzera, ez baitzen ariarra. 1936rako erbeste-bidea hartu behar izan zuen, Amsterdamera, gero handik Suitzara joateko, non bizi izan zen 2001ean heriotza iritsi zitzaion arte. Baina Bigarren Mundu Gerrarekin galdu zuen argazkiarekiko gosea. Inon aitortu zuen noizbait, bizimodu aldaketek –erbesteak, ezkontzak, seme-alabek– ez ziotela uzten nahikoa kontzentratzen argazkilaritzan, eta ez zuela gutxitu nahi argazkien kalitatea. Donostiaren urrezko aroak, esan dugu, Bigarren Errepublikan eta 36ko Gerra hasi arte iraun zuen. Gerra horrek, beraz, bazterrotan egiten zen arte guztiarekin bukatu zuen –ez bakarrik Errepublikaren aldekoarekin: Aizpurua falangista fusilatua; Lekuona gudaroste nazionalean hila, nazionalen euren bonbardaketa batek, eta osasun laguntza ematen ari zela–. Alemanian, nazismoaren gorakadak ekarri zion, beste hainbati bizitza nola, askori bizimodu baten erauztea. Eta Marianne Breslauerren kasuan, bidaia zapuztua ez zen izan hainbeste festarik gabeko Iruñera, ezpada bere herrialdeko egoera politiko berriak uztera behartu zuen argazkilari ibilbidearena. Zorionez, berriki berreskuratu eta haren lana iritsi da guregana. Urrutira gabe, gurean ere egin beharko genukeena. 2017ko ekainak 18 Hainbeste oihu (eta murmurioren bat) Raimon musikari valentziarrak eszenatokiak utzi ditu, berrogeita hamar urtetik gorako ibilbide baten ondoren, Bartzelonako Palau de la Músican emandako hamabi kontzerturekin. Azken-aurrekoan egoteko aukera izan dugu, eta hauxe da bertan bizi izandakoaren kronika. Ez naiz inoren bizioekin sartuko ni, baina Argiako jendearenak benetan arraroak dira: Ramon Pelegero Sanchis, Raimon izenez ezagunagoa (nota bene: azken silaban jarri azentua, inolaz ere ez katalan hiztunen belarrietara arrotz eta grazios egiten gaituen lehenengoan), erretiratuko dela, eta ea joango nintzatekeen azken kontzertuetako batera (ea egunen batean Liberté, Egalité, Beyoncé edo Ariana Granderen kontzertu baten kronika eskatzen didaten). Guztira hamabi azken-kontzertu ziren, ondo, guztiak maiatzean egitekoak, ondo, baina sarrerak urte hasieratik zeuden agortuak, ez hain ondo. Maiatzaren 5ean berean egin nuen saiakera, eta, auskalo norbaitek sarrera itzuli zuelako (edo auskalo hil egin zelako norbait hori), baina sarrera bat, bakarra (oilategian, zer egingo zaio), lortu ahal izan nuen, maiatzaren 27rako. Azken-aurreko kontzerturako. Ez azkenerako, ezin izango diet nire bilobei Raimonen azken kontzertuan izan nintzela esan, baina kronika kobratu, barka, idatzi ahal izango dut behintzat. Eskerrik asko, beraz, sarrera itzuli zuen (edo auskalo hil egin zen) pertsona horri. Ez da lehen aldia, noski, bereziki gustuko ez dudan norbaiten kontzertu batera joaten naizela. Tira, gustuko ez dudan, Raimon ez dut gehiegi jarraitu, egia esan, bere hit-ak ezagutzen ditut, nola ez, baina beti iruditu izan zait kantatu baino oihu egiten duen kantari bat (eta ni gehiago naiz murmurioaren aldekoa), beti iruditu izan zait kantatzen ez zekien kantari bat (eta horrek ez du derrigor ezer esan nahi, begira Fermin Muguruza). Ez da lehen aldia, beraz, baina oraingoan bereziki deseroso nago. Izango da agian kontzertua Palau de la Música ahalguztidunean egingo delako, orain tristeki (akusatuen) lehen lerroan dagoen musika jauregia, guztiok ezagutzen dugun ustelkeria kasuagatik, Felix Millet lehendakari ohia (gaizkile) buru (kuriosoa egiten da, hala, eraikinaren barruan Millet abizena leku batean baino gehiagotan irakurtzea, nahiz jakin Lluis birraitonari egiten diola erreferentzia). Eta deseroso nago, klase borroka edo, hobeki, gutxiagotasun konplexu bategatik, Palau de la Música klase altuko jendeak okupatzen baitu eskuarki, Upper Diagonal esaten zaien horietarik. Baina izango da Raimon gorriegi zaielako, agian, gandorra uste baino apalxeago duen jendeak betetzen du gaur areto nagusia, guztiak ere jende zintzoa, ordenako jendea, gehienak ere konbergentziaren aldekoak. Kuriosoa, halaber, orain ustez horiek ere independentistak direlako, eta Raimonek inoiz aitortu izan duelako ez dela independentista, gaur egun Kataluniak bizi omen duen prozesu politikoaren gaineko zalantzak adierazteaz batera. Ea nor ausartzen den, ordea, Raimon bezalako ikono bati lezioak ematera, eta publikoak barkatu egiten dio bekatu hori, ahaztu behintzat (azken-aurreko kontzertuan ez, zorionez, baina azken-azkenean in-inde-independència oihukatu omen zuen jendeak; gustura ikusiko nuke zer aurpegi jarri zuen Raimon gizarajoak). Adibidez familia politikoak (Colautarrek ez, besteak, emaztearenak alegia): kasualitatez, maiatzaren 27rako sarrerak lortuta, abendutik hauek, oin-puntetan iragan dira Raimonen ez-independentismoa aipatu diedanean. Esteladaren bat bada aretoan, nahiz ez den iristen Millet abizena estaltzera. Kontzertua hasi da halako batean, hamarrak justu paseak direnean (beranduegi niretzat, lehen loaldiaren atarian egoten bainaiz ordurako, eta Barsak Alavesi lehen gola sartu ondoren). Abesti niretzat (eta susmoa dut publikoaren zati handi batentzat) erabat ezezagunekin hasi ere, ezagunak nizkion abesti zaharruno, oldarkor, builatsu horiengandik urrun, chanson frantses-napolitarretik gertuago, sorpresa atsegina. Atorra gorria jantzirik, musikari akatsgabeez inguratua (bi gitarra, kontrabaxua, klarinetea), belarri gotorrontzat eztia diren melodiak interpretatzen ditu. Adibidez, XIV. mendeko testu batekin osatua den Elogi dels diners, publikoak bereziki txalotua, auskalo testuinguruak hartara bultzatuta. Kantuek aurrera egin ahala, deskubrimendu bat: Raimonek, kontxo, uste baino hobeki kantatzen du, kantatzean oilarra instituzionalizatu duen kantariak. Oilarrei muzin egin gabe (peccata minuta eserlekua oilategian dugunontzat), baina murmuriotik gertuago, oihutik baino. Dantza eta guzti egiten du abestiren batean. Tarteetan hitz gutxi, hori bai, despedida kontzertua izan arren. Araua hautsi du, luze gabe, País Basc abestia aurkezteko (gogoratu: “Tots els colors del verd, Gora Euskadi criden fort”), esplikatzeko, batetik, 1967an Euskal Herrira egindako bidaia batek zeharo hunkitu zuela, Ez Dok Amairu, Laboa, Lete, Iriondo, Artze anaiak, eta, bestetik, Bilboko jende bat etorri dela kontzertura (Hondarribikorik ez du aipatu). Publikoak beroen txalotu duen abestietako bat iruditu zait (ez dakit zergatik, EAJ-PP akordioaren ondoren, katalan eta euskaldunon arteko harremanak ez baitaude inoizko momenturik gozoenean). Gehienbat diktadura garaiko istorioak kantatuko zituela espero nuen. Beste aurreiritzi bat. Ez nekien hainbeste poeta katalan musikatu zituenik, Ausias Marchengadik hasi eta Salvador Espriurenganaino. Ez nekien Victor Jararen Te recuerdo Amanda kantuaren bertsio eder bat, Et recorde Amanda, egin zuenik. Ez nekien Raimonen valentziera euskaldun katalandartu baten belarrietan arazo berezirik gabe sartuko zenik. Bisetan jendea are beroago dago. Jo vinc d’un silenci (“Qui perd els origens, perd identitat”, txalo), Diguem no (“Nosaltres no som d’eixe món”, txalo, txalo), hasi bezala bukatzeko, konposatu zuen lehen kantuarekin, Al vent (“Els ulls al vent, al vent del món”, txalo, txalo, txalo). 35 abesti guztira. Minutu pare bateko esku-zartak. Gero, zintzo, denak etxera. Raimon-zaleak izango dira guztiak ere, baina oroz gain katalanak. Berrogeita hamar urtetik gorako musika ibilbide bat bukatzeko modu ugari egongo da, suposatzen dut. Hauxe da Ramon Pelegero Sanchis, Raimon (oroi azentuazioa) izenez ezagunagoa den musikariak aukeratu duena. 65ak aspaldi pasata, orain hamaika urte hain zuzen, erretiroa hartzeko deliberoa hartu du orain, 1940an Xativan jaiotako musikariak. Eszenatoki gainean hainbeste oihu (eta murmurioren bat, ados) jaulki duenak ezin xumeago jaitsi du azkena, bona nit i fins sempre, gabon eta beti arte ia-ia entzunezin bat erortzen utzi ondotik.
1 - Alfa eta omega. Albelda. Monasterio hartako gela batean Azenari Enekones baskoi zaharra bizi zen. 1059ko udazkeneko egun gozagarriek neguaren hurbila iragarri zutenetik idazteari ekin zion buru-belarri eta ez zen agertzen, ez anaien otoiz-kantatuak entzutera, ezta otorduetara ere. Besteek bake santuan uzten zuten. Monasterioetan ezohikoa zen egoera hura. Horrela jokatzeko arrazoiak anitzak ziren: zaharreria, han eta kanpoan eskuratua zuen entzute handia eta garrantzitsuena, azken aldian nahi zuena egiteko erakusten zuen burugogorra. Eguna hasten zenetik ahalik eta gehien idazten saiatzen zen. Bazirudien heriotzaren abisua sentitzen zuela eta zerbaitek bere historia kontatzera bultzatzen zuela. Gorputz zaharrak edo begi nekatuek, askotan lana uztera behartzen zuten nahi baino gehiagotan. Baina, errekuperatu bezain pronto ekiten zion lanari. Ezin zuen monasterioko ofizioetan denbora galdu. Paper mordo batean idazten zuen. Musulmanek garatu zuten industria zen papergintza. Scriptorium-etan pergamino baino ez zuten erabiltzen. Hala ere, merkatari musulmanek zerbait merkeago behar zuten beraien dokumentu eta kontuetarako. Papera, Ekialde Urrunean asmatua, aspaldian Valentzian, Mediterraneoko hiriaren kanpoaldean lantzen zuten. Merkatari kristauek ere hasiak ziren trapuz eta landare desberdinez egindako papera erabiltzen. Azenari, aparteko kasua zen monjeen artean. Bera denbora luzez bizi izan zen Korduban, Kalifen hiriburuan, eta paperetan idaztea eta beste ohitura batzuk ekarri zituen kristau lurraldeetara itzuli zenean. Are gehiago, monje bizitza eramatera behartu bazuten ere, bestelako bizitza izan zuen: bazuen emaztea, harengandik eta noble baten bizimodutik aparte bizitzera kondenatu zuten arte. Baina, hau guztia beste momentu batean kontatzen ahal da. Ez zekien norentzat idazten zuen, artean bizirik zeuden seme- alabarentzat, emaztearentzat, bilobentzat edo geratzen zitzaion kultura handiko lagun bakanentzat; edo... etorkizuneko auskalo norentzat. Lehen orrian honela idatzi zuen: Ego, A. E. gratia Dei omnipotestis, qui me fecit sub habitun Sancti Benedicti vivere ... Euskaraz idazten zuen, garaian ezohikoa zena. Latinezko hizkiak erabiltzen zituen eta tarteka, erromantzez, latinez edo arabieraz idazten zituen glosak, hitz edo adierazpen batzuk argiak edo zalantzazkoak izaten ahal zirenean. Lehen hitzak idatzi ondoren, idaztearen arrazoia azaldu zuen. Gutxi ziren berak bizi izan zuena zekitenak. Bere ustez zerbait garrantzitsua kontatu behar zien etorkizuneko irakurleei. Behinik behin honela idatzi zuen baskoieraz: “Kristau lurralde desberdinetan bizi izan naiz. Herritar xeheak, errege, noble, monje eta zaldunak ezagutu ditut. Musulmanen artean ere hamaika urtez, beraien kultura, erlijio eta sozietateak ezagutu ditut. Umetan esklabo hartu nindutenetik, beraiekin ikasi, Afrika handian ibili eta gerlarien kapitain aritu nintzen, erabat libre lurralde hauetara itzuli arte. Errege nafar batzuk ezagutu ditut: nire laguna izan zen Antso Gartzes Nagusia deitua, bere seme Gartzia Santxez Naiarakoa, azken honen seme malapartatua... Bestelako pertsonaia handiak ere ezagutu ditut: Gaztela eta Baskoniako nobleak eta herritarrak; baita musulmanen artean, Almanzor eta bere semeak; Hisham, Sulaiman al-Mustain eta al-Mahdi kalifa omeyatarrak; Zawi ibn Ziri, eta Habus ibn Maksan sanhayarrak; ibn Hazm poeta eta politikari arabiarra eta ibn Nagrella judutarra haien artekoak ziren; berbereak, judutarrak, mozarabeak eta arabiar jatorrikoak; gerlariak, jakintsuak eta agintariak. Herritar xeheen artean maisuak eta langileak, artisau eta artistak, maila sozial desberdinetako emakume interesgarriak eta merkatari eta bidaiariak izan ditut bidelagun. Musulmanen artean urte batzuk pasa eta gero, berriro kristauen artean, Sancho Garcia, Gaztelako konde handia eta bere seme Garcia Sanchez ezagutu nituen. Eta uste dut kristau ala musulman izanda ere, badagoela zer ikasi besteengandik. Andaluziar, gaztelau edo baskoi, guztiekin gorabeherak izan ditut, baina baita harreman sakon, interesgarri eta estuak ere. Baina has gaitezen hasieratik... ” 2 - Aurrekariak. Razzia bat musulmanen lurretan. 998. urteko abuztuaren 16a zen. Iruñeko ostatu batean lau lagun elkartu ziren amabirjinaren festa eguna ospatu eta gero. Aurreko eguneko elizkizunak bukatutakoan, Iruñean tabernak ez ezik kaleak ere festa-toki bihurtzen ziren. Goiza arte ibili ondoren, ostatuko gela batera joan ziren lotara. Hurrengo eguerdian altxatu eta gosari-bazkaria egin zuten. Ostatuaren beheko gela handi ilunean, txokoan, bi kandelek argitutako mahaian lau gazte nobleek bestondo handiaz gain, umore txarra erakutsi zuten. Azkeneko mokaduaren ondoren, hizketan hasi zen Gonzalo Santxez, Erregeren anaia txikia. Almanzorrek bakea inposatu zien errege eta konde kristauei eta beraien gerlariak ez zeuden pozik. –Uda aurrera doa eta ez dugu ezer egin. Aurten ez dugu gerra-kanpainarik izan, eta ez dugu izanen ikusten denez. Ondasunik gabeko gazteok ez dugu sosik lortuko eta gure etxeetan alfer bizkarroitzat gauzkate. Ni nazkatuta nago. Zuek lagunok ez duzue ezer egiteko asmorik? Zu Semeno aspertuta zaude eta zuek Alfontso eta Joanes erran duzue ez duzuela batere egitekorik –Alfontso, Etxauriko jaunaren hirugarren semea zen, Joanes, bere lehengusua, Arazuriko tenentearen seme txikiena eta Semeno Uharteko jaunaren anaia txikia. Denak hogei bat urtekoak, nobleziako bigarren semeak ziren. Ez zuten beren aurrekoengandik ondasunik jasoko, premuak hiltzen ez baziren. Beren etxeko gerlariak bezain pobreak izanda ere, nahi zutena egiten zuten, etxeko jaunaren semeak izaki. Nobleak zirenez beraien artean ez zuten hika herrikoi, zakar eta zatarra erabiltzen. Semenok erantzun zion printzeari. –Arrazoi duzu Gonzalo. Aurten ere dirua eskatu behar diogu gure aitari edo senide ahaltsuren bati. Zerbait gehiago merezi dugu, ondasunetan eta lurretan zerbait jasoko bagenu behintzat, ez genuke eskalearena egin beharko. Nik gerra egingo nuke inori baimenik eskatu gabe. Gonzalo, Alfontso, Joanes, antola dezagun razzia bat Ebroko herri aberats batean. Deitu ahal diegu beste etxeetako bigarrenei eta gerlari on batzuei, eta herri batzuk hartu. Pikutara gure etxekoak. Jaurerri batzuk irabaz ditzakegu... –Gonzaloren arreta lortu zuen, baina Alfontsok zalantza adierazi zuen: –Baina, Semeno, Erregek debekatu ditu erasoak. Bakean gaude musulmanekin. Gure lagunei armetara deitzen badiegu, jakinen da egiten ari garena eta debekatuko digute. Ez da posible erraten duzuna –Gonzalok ez zuen iritzi bera. –Nire anaia Dardartiak ez du eskubiderik erasoak debekatzeko. Ez zuen kurian aurkeztu Amana eskatzea. Gainera, debekatu zutena gerra-kanpaina egitea izan zen. Guk lagun gutxi batzuekin, ezkutuan, arpilatze bat egiten ahal dugu –Joanesek bere zalantzak adierazi zituen erabat kontra jarri gabe eta Alfontsok ez zuen garbi ikusten, baina pentsakor zegoen momentuz. Semenok berehala baieztatu zuen printzeak errandakoa eta ahalegindu zen asmo haiek zehazten. –Gu laurok gerlari batzuekin nahikoak gara eraso azkar bat antolatzeko. Egun gutxi batzuetan Kalagorriko muga ingurura joan gaitezke ehizaldi baten aitzakian –Alfontsok arazoak ikusten zituen eta horrela adierazi zien. –Jaunok, horrela ikusiko dute daukagun asmoa. Kalagorri inguruak musulmanek dituzten lurrik aberatsenak eta zainduenak dira. Arriskua handiegia litzateke. Mugako kapitainek, bestalde, susmo txarrez hartuko lukete guk han ehiza egitea. –Semeno, dena pikutara joateko arriskuaren aurrean, proposamena gehiago fintzen eta gogoak berotzen saiatu zen orduan, printzea konbentzitzeko. –Jaunok, printze hori, ez gaituzte errespetatzen eta ezer egiten ez badugu jauntxo alfer batzuk bezala ikusiko gaituzte. Gure etxeetan gerlari onak garela erakutsi behar dugu. Gure premuak bezain onak edo hobeak gara. Razzia azkar bat eginen dugu eta aberastuko gara. Egia da hobe prestatu behar dugula, horrexegatik denon artean zorroztu behar dugu plana. Jauna, zuk erran duzun bezala, alfer bizkarroitzat hartzen gaituzte. Zerbait egin behar dugu –Gonzalok, besteei begiratu gabe, Semenori arrazoia eman zion. –Ardoa eskatuko dugu eta razia behar bezala prestatuko dugu. Ea, has gaitezen gauza guztiak zehazten... –Erasoa poliki prestatzen hasi ziren. Musulmanekin egiten zuten mugan, giroa ez zen oso lasaia. Erasorik espero ez bazuten ere, bai kristauen mugako herrietan bai besteetan gerlariak ez zeuden oso konforme. Erregek eta Almanzorrek sinatu zuten bakea. Hala ere, beraien gerlarien gogoak eta diru beharrak uda gehienetan gerra ez bazen, erasoetara eramaten zituen. Mugako ingururik latzena, Ebro, Arga eta Aragoi hurbiltzen ziren lekua zen. Horregatik kokatzen ziren kilometro gutxitan tenentzia indartsu asko: Funes, Peralta edo Azkoien, Faltzes, Kaparroso eta urrunago Zarrakaztelu. Bertako biztanleen bizitza oso gogorra zen, edozein momentutan musulmanen erasoa izaten ahal zelako. Jendea ere berezia zen. Musulmanek sarraskia egin ondoren, hondamendia uzten zuten erasotutako herrietan. Bizirik zirauten pertsonak preso hartzen zituzten eta berriro bizitza normala hasten zenerako urte batzuk pasatu behar ziren. Inguru hartan biztanle gehienak agertu berriak ziren. Bestalde, asko ziren zaintza lanetan ari ziren soldaduak, mugaren defentsa zela-eta. Soldaduen arrimura joandakoak merkatari judutarrak, frankoak eta leku guztietako tabernariak ziren. Horietaz gain, lurra lantzen zutenak, lur berriaren premia zuten mozarabe eta baskoi libre batzuk ziren. Herri haietako itxura eta egoera oso berdina zen. Harkaitz baten gainean dorretxe edo gaztelua eta inguratzen zuen harresiaren barnean txabolak eta animalien korta batzuk. Batzuetan ibai, erreka edo latsetatik hurbil ere artegiak, etxeren bat, errota eta baratzeak izaten ziren; urrunago zereal soroak. Herri txikietan, dorretxean gerlari batzuk eta biztanle arruntak ez ziren berrehun biztanletatik pasatuko. Arga eta Aragoi elkartzen ziren tokian lau tenentzien artean soldadu gehiago zegoen, ehun bat zaldun eta berrehun oinezko izaten ziren gutxienez eta batzuetan defentsak indartzeko soldadu gehiago bidaltzen zuten. Apez bakar bat bizi zen, ordea, Azkoienen, herririk babestuenean. Fortun Santxez, Faltzesko tenentea, Uharteko jaunaren anaia zen, enekotarren leinu nagusian bigarrena. Txikitako urteak pasata, gerlari trebea zenez gero, nahiz eta Eneko anaia premuarekin ongi konpondu eta honek gerlarien kapitain gelditzeko eskatu, nahiago izan zuen urrutian, gerra lurretan, mugetan, borrokatzera joan. Txikitatik ez zituen jasaten Semeno anaia txikienaren asmo eta azio txarrak. Horregatik, hogei urterekin soldadu trebe egina, Erregeren zerbitzuan sartu zen; etxean, Uharten, anaia-koinata, beren lau seme-alabak, Semeno eta Santxa arreba utziz. Oso denbora gutxian, azken hiru urteetan, bere ausardia, inteligentzia eta odol hotzagatik Faltzesko tenentzia eman zioten. Andre noble batekin ezkondu berritan bi seme-alaba izan zituen jarraian. Bere zaintza lanak aukera ematen zionean Iruñera eta Uhartera joaten zen urtero eguberrietan. Jaun Fortun dorretxeko saloian zegoen, menpeko bi soldadu-buruekin mahaian eserita, eguneko gorabeherak komentatzen eta ardo pote bat hartzen. Serio ari ziren hizketan egun zailak baitziren. Eguneko berriak eskatu zizkion Bonusi. Onkote izatearen fama zuelako deitzen zioten horrela; bestalde egin beharrekoak ongi egiten ere bazekien. –Funesen eta mugan izan ondoren, zer da muga-pasari buruz ikusi edo entzun duzuna? –Gauza garbirik ez. Artzainek jende batzuen aztarnak erakutsi dizkigute Azagrako mugan, begirale batzuena izan daitezkeenak. Aztarnen arabera bi edo hiru pertsona gazte, pauso luzeengatik diot, ibili egin dira ezkutuka gure aldera beha. Arraroagoa izan da gure begiraleek erran digutena. Dirudienez, gerlari asko mugitzen ari dira muga osoan. Arraroa dena da ezkutuan eta gauez ibili direla –Fortun pentsatzen gelditu zen momentu batez. Ezezko keinua egin zuen eta besteei adierazi zien pentsatzen zuena. –Nik uste dut ez direla gehiegi fidatzen. Uste izanen dute, guk bezala, gerlariak diru gosez egonen direla. Nik beste tenenteei adieraziko diet nire ustea eta zuk, Bonus, jarraitu mugazaintzarekin –beste gizonari begira agindua eman eta galdetu behar zion zerbait. –Koxme, zaindu gure soldatuen umorea eta galdetu inork erasoez zerbait dakien. Uste al duzu gure tenetzian zerbait gehiago egin dezakegula? –Ez jauna. Ezin dugu gehiagorik egin. Dorrea zaintzeaz aparte ezin dugu hogei zaldun eta beste hainbeste oinezkorekin gehiago egin. Errege eta Naiarako jaunari, gure gudarosteko buruari, gerlari gehiago ekartzeko eskatu beharko genieke –Fortunek, eskerrak eman ondoren agur erran zien. Jaun Fortun Santxez-ek mezu pare bat idatzi eta bidali zien bere anaia Enekori eta Antso Fortuniones Naiarako jaunari, bere urruneko familiarra eta gerra-buruari, egoera adierazteko eta muga osoan neurriak hartzeko. 3 - Mugako hiri batean elkartu ziren noble borrokazaleak. Lau lagunek, bost gerlari gehiago eta bost morroi ausart elkartu zituzten. Gonzalo printzeak hiru gerlari eta bi morroi eraman zituen; Alfontsok eta Joanesek bi gerlari eta morroi bat konpartitzen zuten. Semenok ez zuen gerlaririk eramanen, bakarrik bi morroi konbentzitu zituen-eta. Aste bakar batean, ehizaldi baten aitzakian Baldorbatik pasa ondoren Aragoiko bailarara jaitsi ziren. Kaparrosoko ostaturik onenean, han bizpahiru baitziren, gela batean elkartu ziren gazte nobleak gerlariekin eta mugalari batekin. Azken honek mugako egoera nola zegoen kontatu zien. –Jaunok, mugako herri guztietan bai alde honetan, baita musulmanenean ere, erasoen esperoan daude. Ni neu larri ibili naiz gauez pasatzen. Inguru honetan, baita bestaldean ere, Balterra, Milagro, Kadreita eta Kalagorrian, zaintzak inoiz baino zorrotzagoak dira –Gonzalok moztu zion orduan zorrozki. –Abdul, erran nahi al duk ezin dela erasorik egin? –Ez da hori, jauna. Inguru honetan ezinezkoa da talderik pasatzea. –Semenok moztu zion oso haserre, asmoak nola edo hala aurrera eramateko helburuarekin. –Hemen ezin bada, beste nonbaitetik muga pasa eta joan gaitezke. Ez al dago pasabiderik muga osoan? –bukatu zuen mugalaria estutasunean jarriz. –Bai, Zarrakaztelutik ez dago problemarik, baina... –Orduan... –jarraitu zuen Semenok–. Handik Bardeatik Ebrora pasa gaitezke, bide ezagunetatik ibili gabe. Ez al dago herri eta lur aberatsik? –Gonzalori zuzenduta laguntza bilatu zuen. –Jauna, seguru badela non arpilatu. Ez zaizu iruditzen? –Bai. Abdul, erran ezak Bardeetatik nora joaten ahal garen –Abdulek posibilitateak adieraztera behartuta aurkitu zuen bere burua. –Ebroko pasabide batetik ibili ahal gara eta gero, menditik Xalon bailarara jaitsi. Kalatayud inguruak oso aberatsak dira eta egunez ezkutuan, bi egunetan han izan gaitezke –Alfontsok zalantza bat zuen eta galdetu zuen. –Han zaingo musulmanak izanen dira. Ez al ditugu gerlariak gure gainean izanen? –Abdulek diru premia handia zuen eta ezin zuen aukera galdu. Berehala erantzun zion. –Ni handik nator eta haien jauntxoen arteko arazoez daude kezkatuta. Ez dute kristauen erasorik espero –Alfontso konbentzituta gelditu zen eta Gonzalo ere bai. Honek besteen adostasuna ziurtatu nahi zuen. –Orduan plana eginda dago. Uxueko mendizerran ehizatzera goazela erran eta aipatutako bidetik Xalonera joanen gara. Ados al zaudete jaunak? –Beste jauntxoek eta gelariek baieztatu zuten zalantzak uxatu nahian. Gaua herrian pasa ondoren, goiza baino lehen abiatu ziren Aragoi bailaratik gora Uxueko mendizerrara joateko itxura eginez. Mendiz Zarrakaztelu ondora heldu zirenean ezkutatu ziren, gauean Aragoi ibaia pasa eta Bardeetan barrena hegoaldera jotzeko. Ebro pasata, eguna ezkutuan izan ondoren, hurrengo gauean Xalon bailararen ondoko mendiko bideak jarraitu zituzten arazorik gabe. Kontu handiz ibili ziren aztarnarik ez uzteko. Morroiek ez zuten janaririk prestatzen, ezta surik egiten ere eta janaria hotz hartzen zuten. Azkeneko egunean ongi deskantsatu eta erasorako prestatu ziren. Herri handi baten ondoan ziren, Kalatorao izenekoa. Azken begirada botatzetik itzuli zenean, Abdulek erran zien herria zainduta zegoela. Handik hurbil almunia oso aberats bat zegoen, jauregi bat azken batean, zaingo eskasa omen zuena. Almunia, Kalatayud-eko caid-aren anaiarena zen, inguruko gizonik aberatsena. Denek ahaztu zuten herriak konkistatzearen kontua, milaka dinarretako kutxak imajinatu zituzten, eta emakume ederrak ere bai. Ilundu aurretik, hestebeteak, gazta eta ogia jaten ari zirela, erasoaz mintzatu ziren. Gonzalok azkeneko aginduak eman zituen: –Semenorekin joanen naiz iparraldetik, haizearen kontra, almunia handi hori arpilatzera. bost gerlari eta lau morroi izanen gara. Zuek Joanes eta Alfontso, lau gerlariok, morroia eta gidariarekin zain egonen zarete badaezpada gure bizkarrak zaintzeko. Arazorik gabe etxea hartzea lortzen badugu..., dugunean..., deitu eginen dizuegu ondasunak eramateko. Kontua da morroiok zer eginen duzuen. Zuek zein arma hartuko duzue, Mentzio? –galdetu zion konfiantzazko etxeko morroiari. –Jauna, guk ez dugu ezpata eta lantzarekin esperientzia handirik, baina arkulari onak gara eta zakurrak akabatzen ahal ditugu. Denok ibili gara ehizan eta trebeak gara. Labanak ere badaramatzagu badaezpada. –Beste morroiek ere buruarekin baieztatu zuten Mentziok errandakoa. Bost ordu beranduago berriro mugarantz atzera buelta egin zutenean gauza larriak ziren gertatu. Bi gerlari, gidaria eta morroi bat hilik suertatu ziren erasoan. Erasoaren hasieran zaintzaileak ezustean harrapatuta, zakurrak hil eta inork ez zien trabarik egin. Hango morroiak eta etxeko arma-gizonak gela batean eta haur-emakumeak beste batean itxita utzi ondoren, saloian etxeko jauna eta hurbilekoei ondasunez galdekatu zieten. Azkar lortu zuten informazioa, bitxiak, luxuzko zenbait gauza baliotsu eta urre eta zilar kopuru polita. Gaua izan arte gelditzeko asmoa zuten. Bitartean neskameei janaria prestatzeko eta ardoa ekartzeko eskatu zieten. Ardoa edan ondoren Semenok, Gonzalok eta bi gerlarik, emakume batzuk bortxatu omen zituzten eta gertatu zen iskanbilarekin etxeko jauna eta bere bi gizon oldartu ziren, borrokatu, eta kristauek hiltzea lortu baino lehen, bi gerlariak, gidaria eta morroia hil zituzten. Gainera, etxeko morroi batzuek ihes egitea lortu zuten. Kristauek hartu zuten mendekua izugarria eta doilorra izan zen. Kalatorao ondoko almuniatik atera zirenean, emakume gazte eder batzuk eta ondasunak mando on batzuen gainean jarri eta azkar bizian eman zioten ihesari gerlari musulmanak agertu baino lehen. Beren arrastoa ezabatuz, baso eta mendietan ezkutatzera joan ziren. Babestokian elkarri leporatu zioten almunian gertatutakoaren errua. Semenok, bereziki Alfontsori eta Joanesi zaintza falta leporatu zien eta hauek honi haragikeria eta lizunkeria. Bi lehengusuek ez zuten gustura ikusi sexu grina eta mendekatzeko musulman batzuei egindako bortizkeria. Gaututa, mendiz mendi Ebro aldera jo zuten zeharkako eta ezkutuko bideak hartuz. Bazekiten musulmanek gerlariak bidaliko zituztela haiek harrapatzera. Gidaria hilik zegoenez, joaneko bidea jarraitu arren, ez zituzten bideak ongi ezagutzen. Hiru egun kostatu zitzaien Ebrora hurbiltzea. Mendekatzaileak atzetik zituztela nabaritu zuten azken egunean eta horregatik jarraitu zuten egun argiz. Arratsaldean, mendi batetik urrunean hogei bat gerlari-saldoa segika ikusi zuten. Kristauek gero eta hurbilago zituzten etsaiak. Gainera, morroiek, gatibu hartutako emakumezkoek, eta arpilatutakoaren zamak atzeratu egiten zuten ibilia. Beraien zaldiak eta mandoak nekatzen ari ziren eta musulmanek ordezko zaldi freskoak zituzten. Ebrora iristeko, artean legoa bat, bost kilometro falta zirela, mendixka-ate batetik pasatzean, Semenok pentsatu zuen modu hartan jarraituz gero harrapatuko zituztela. Erremedio bakarra haietako gerlari batzuk sakrifikatzea izanen zen. Astirik gabe, Semenok Uharteko morroiei agindu egin zien ondoko pasabideko bi aldeetan sasietan ezkutatzeko eta atzetik zituzten moroak hurbiltzean, geziak jaurtitzeko. Animatu ere egin zituen beren ausardia eta gerlari sena erakusteko. –Erakuts ezazue arkulari onak zaretela. Ibaiaren bestaldean zuen zain egonen gara. Espero zitekeena gertatu zen, nahiz eta iheslariek ez ikusi. Morroiek gerlariak geldiaraztea lortu zuten ordu erdi batez. Azkenean inguratu eta hil zituzten. Ordurako, iluntzen ari zelarik, kristauek Ebro zeharkatu zuten eta ezkutatzea lortu zuten. Joanesek galdetu zion Semenori egindakoaz. –Zergatik bidali dituzu hiltzera? Denon artean gelditu ahal genituen. –Bai eta haiek gelditzeko, gutako batzuk hil? Morroi horiek arkulari onak zirela erakutsi nahi ziguten eta egin dute –hiru gazte nobleak isilean geratu ziren eta beste gerlari eta morroiak harrituta zeuden. Lau nobleek, hiru soldaduek eta gelditzen ziren bi morroiek, atsedena hartu ondoren itzuli ziren Bardeetan zehar. Gau argitsuari esker goizean berriro ziren Zarrakaztelu aurrean. Mugako herriak eta tenentziak saihesteko beharrezko gauzak eta jakiak morroiek eta zaldun batek erosi zituzten. Tafallara heldu zirenean, nahiz eta erasoa sekretupean gordetzeko erran, herrian zabaldu zen eraso batean neska ederrak esklabo hartu eta ondasun handiak lortu zituztela. Lau gazte nobleek, Tafallatik atera ondoren ondasunak banatu eta bakoitza bere aldetik joanen zela erabaki zuten. Alferrik izan zen. Iruñean eta Baskoniako leku guztietan laster zabaldu zen berria: Gonzalo printzeak, Semenok, Alfontsok eta Joanesek, aristokraziako kume eta bigarren semeek Kalatayud inguruan erasotu eta Kaid-aren anaia garaituta, altxor izugarria eta printzesa batzuk lortu zituztela. Semeno Iruñerriko herri txiki batean ezkutatu zen momentuz, baina berehala, Uharteko Eneko Santxezek mezu bat bidali zion eta haren bidez Errege aurrean ostiral goizean lagunekin batera aurkeztu behar zuela adierazi zion. Uharten agertu zenean anaiak harrera hotza egin eta gero, isilik entzuteko aginduta, hizketan hasi zitzaion saloian: –Erregeren aginduei muzin eginez harrokeriaz eta diru gosez etxalde aberats bat suntsitu, biztanleak lotsagabeki erail eta emakumeak bortxatu dituzue. Eraso doilor eta lotsagarriaren berri bidali digu Kalatayud-eko jaunak. Zuen buruak eskatu dizkigu gobernadoreak eta ez gaude hori egiteko prest, zuek merezi ez duzuen arren. Auskalo zer ondorio izanen dugun aurrerantzean, zuek salbatzeagatik. Kurian, erresumako handiki guztien aurrean, antzeko erretolika entzun zuten lau gazteek. Hasteko harrapatutako guztia eta esklaboak utzi behar izan zituzten itzuli ahal izateko. Denbora batez preso izan zituzten eta gero muga zerbitzuetan ibili ziren soldadu soil postuetan. Udazken hartan erantzun gisa musulmanek Leza aldean egin zuten eraso azkar bat eta berehala itzuli ziren ordea emanda. 999ko neguan, otsailean, Uhartera itzuli zen Semeno. Ez zuen zigorra orduko bete, baina lortu zuen Funesko jaunak familiarekin egoteko baimena ematea. Uhartera heldu zenean bere anaia kanpoan zen. Negu guztietan bezala, elurte handiak izan ondoren, jaun Enekok herrietatik itzulia egiten zuen. Neguaren gogorrenean etxerik pobreenetan janaria falta izaten zen. Hori zela eta lehenengo elurte handia pasa zenean, morroi eta gerlari batzuen laguntzaz gurdi batzuetan janaria, arropa eta tresna batzuk garraiatzen zituzten eta herriz herri ibiltzen ziren herritarrik baztertuenak laguntzeko. Jaun Eneko, ibilaldi hartan Aranguren eta Egues haranetatik pasatuko zen, mendialdean artean elur gehiegi baitzegoen hara joateko. Bertako jauna falta zela aprobetxatuz, Semeno jauntxoarena egiten hasi zen. Ez zuen deusetan laguntzen, izatekotan traba egiten zuen morroi eta langileen eginkizunetan sudurra sartuz, baina agintzea gustatzen zitzaion eta bere nagusitasuna eta besteen menpekotasuna agerian utzi nahi zituen. Bakarrik beste jaunak eta apezak errespetatzen zituen. Uxue andrea hogeita hamabi urteko emakume mehe eta ederra zen. Ile horail eta aurpegi borobil politean begi handi marroiek maitasuna adierazten zuten. Momentu hartan, ordea, haserre zegoen eta koinatuari sarkina izatea leporatu zion. –Semeno, ez duzu bat ere laguntzen eta morroiak aztoratzen dituzu. Utz iezaiezu beren lana egiten. Osabari ere ezin diozu bere lana erakutsi. –Hara, uste nuen ez nintzela zure begietarako existitzen. –Zoritxarrez zure presentzia nabari da. Lotsatu behar zenuke egin dituzun bortxaketengatik. –Ba! Islamita batzuk besterik ez ziren, deabruzale hutsak. Baina, ez didazu erantzun. Duela sei urte ez nauzula kontuan hartzen, ez didazula hitz egiten. Nik maite zaitut eta aspalditik ez zara hurbiltzen. Lagunak baino gehiago ginen garai batean. –Nola erraten ahal duzu hori? –ia ezin zuen hitz egin–. Ezustean harrapatu ninduzun, indarrez bortxatu ere. Antso txikia hil berria zen, Belaskita ere oso gaixorik zegoen eta ni lur jota nengoen. Anaia baten kontsolamendua behar nuenean..., ez nuen zure erasoa espero. Eneko maite nuen eta oraindik maite dut. Ez nuen ezer erran Enekok hilko zintuelako eta familiaren makula galanta izanen zelako. –Ez jarri horrela. Zerbait inportantea daukagu biok komunean. –Ezta pentsatu ere. Xemeño ez da zurea. Uxue belaskotarra naizen bezala zin dagizut –irmo, negar egiteari eutsiz, bueltatu zen eta sukaldera zuzendu zen. Artean entzun zion Semenori erantzuna: –Zure hitzak ez du balio. Odolak besterik ez du balio. Arratsaldean, neskame nagusia, neska baten laguntzaz, eskailerak igotzen ari zen, arropa garbia logelako armairuetan uzteko. Orduantxe, Xemeñok, eskaileretatik behera lasterka zetorrela, pasadan eta nahi gabe, emakumea bultzatu zuenean saskia eta arropak lurrera bota zituen. Emakumeak, haserre, errieta egin zion mutikoari. –Deabru halakoa! Begira nondik zoazen. –Mutikoa negarrari eman zion, ez zela erruduna erranez. Uxue anderea agertu zen iskanbila entzutean. –Iñaxi, zer gertatu da hemen? –Anderea, mutiko honek, korrika jaisten ari zelarik, arropa-saskia bota digu. –Umea negarrez ari zen eta Uxuek umearen negarrak garbituta, neskameari bota zion haserre. –Egin badu, nahi gabe izan da. Hartu arropa eta zikin baldin badago eraman berriro garbitzera. Umea ez da deabrua zuk erran diozun bezala. Sentibera eta gozoa da –haurra laztanduz eraman zuen saloira. Iñaxik, hala ere, ezin izan zuen isildu eta ahopez gehiegi mimatzen zuela eskapatu zitzaion. Uxue andreak pentsatu zuen agian neskameak arrazoi zuela. 4 - Garazi belar-sendagilea. Uxue andrea, Martina andrearekin, bere lagun minarekin, hizketan zegoen hurrengo egunean. Gertatutakoa, erraten ahal zena gutxienez, kontatu zion lagunari aholku eske. Martinak ongi ezagutzen zuen bere lagunaren koinatua, eta ahalik eta urrutien izateko aholkatu zion. Ez zuen aipatu, baina iruditzen zitzaion Xemeño gehiegi mimatzen zuela. Dena den, Uxueren aurpegi zurbila ikusita bere osasunaz galdetu zion. –Uxue, aurpegi txarra duzu. Zerbait gertatzen al zaizu? –Tripako minak nago. Garazi belar-sendagileak edabe bat prestatu dit eta hobeki sentitzen naiz. Ez kezkatu. –Ba, azken urteetan tristeago ikusten zaitut. Gehiago atera beharko zenuke lagunei bisitak egitera. Etxe honetan lana eta lana besterik ez duzu egiten. –Arrazoi duzu. Antso eta gero Belaskita hil zirenean, lur jota geratu nintzen. Agian, Xemeño gehiegi mimatu dut. Eneka, hamahiru urteko neska da eta urruti dago nigandik. Azenari, aldiz, maitekorra da, baina beti lagunekin edo Enekorekin ibiltzen da gizonen eginkizunetan interesatuta. Azenari zazpi urteko mutil lirain eta altua zen. Nahiz eta artean aurpegi borobila izan, aitaren antza eta baraila indartsua izanen zuela nabari zitzaion. Ile gaztainkara, lisoa eta luze samar haren tximen atzetik sudur luze samarra eta begi nabar argiak ageri ziren eta ontasuna adierazten zutenak. Ahoak irribarrea eta hortz zuri berdinak erakusten zituen, eroritako baten hutsa izan ezik. Izaeraz, aldiz, oso mugitua zela, txintxoa eta zuzena. Azenari Otsoaren laguna zen, kapitainaren semea. Xorri, Antso, Txori eta Potxo morroien semeak ere lagunak ziren, baina ez hainbeste. Lagunekin elur batailak antolatu zituzten aurreko egunetan, elurte handia izan zenean. Otsaileko egun batean zakurrekin jolasean ari zen Azenari. Goizean, on Afranio apezak mezarako latinezko izkribua irakurtzeko eta oroitzeko erran zion. Latina ulertu arren, ez zitzaion ariketa hura bat ere gustatzen eta zakurrak agertu zirenean ezin eutsiz pergaminoa aldean utzi eta jolas-borroka librean hasi ziren. Beltzi mastin txikiagoa eta jostalaria zen eta burutxo, izenaren kontrara, buru eta gorputz handikoa, lasaiagoa eta zaharragoa. mutila eta bi zakurrak zorutik ari ziren bueltaka borroka-jolasean, on Afranio apeza agertu eta kristorenak bota zizkion, gixajoari latinezko izkribuaren ikasketa burutu ez zuelako. Zigor bezala beste izkribu luzeago bat irakurriarazi zion. Azenarik laster ikasi zuen idazten eta irakurtzen eta osaba Antsok erakutsitako zenbaketa ere arazorik gabe ikasi zuen. Hala ere, latinezko testu haiek, historia sakratuaz edo santuen bizitzaz ari zirenean, gehienetan interesgarriak baziren ere, Jainkoaren izaeraz eta teologiaz ari zirenean, berriz, aspergarriak egiten zitzaizkion. Handik egun batzuetara, lanak bukatutakoan, bazkaria baino lehen, Otsoarekin ezkutatzera jolasten hasi ziren. Otsoa eskaileraren azpian gorde zen, Azenarik saloiaren atarira ematen zuten eskaileretan eserita eta begiak itxita ehunera arte kontatzen zuen bitartean. Bukatutakoan, bat-batean altxatu eta lasterka saloian sartzean osaba Semenorekin egin zuen estropezu. Osabak, haserre, ileetatik tiraka honela bota zion: –Mutiko madarikatua. Leku guztietan habil algaraka eta estorbu eginez. Begira ezak nondik hoan. –Hi izanen haiz madarikatua. Utzi bakean. Mina egiten didak. –Nola ausartzen haiz hika hire nagusi bati egiten? –Etxeko premua naizelako eta zakarra haizelako. –Hori entzutean, ileetatik tiraka kanpora eraman zuen haurra. Korta batera eraman eta bota zuen barnera atea itxiz. Inguruko zerbitzarien harriduraren aurrean, bota zuen egindakoaren arrazoia. –Nire kontra jo du arrazoirik gabe eta madarikatu nau. Pizti honek animalien artean izatea merezi du. –Barnetik, gezurra zela oihukatzen zuen Azenarik negarrez. Zalapartarekin etxeko morroi, soldadu eta neskame gehiago agertu ziren, baita andre Uxue ere. Honek, itxituratik atera, negar malkoak zapi batez kendu, musu bat eman eta eraman zuen etxe barnera bere gelara. Andre Uxuek ez zuen onartu Semenoren jarrera eta joateko eskatu zion. Honek ez zion ezer erantzun eta jaun Enekoren falta aprobetxatuz, jarraitu zuen bere jarrera harroaz etxeko kontuetan sudurra sartzen, nagusia izango balitz bezala. Orduan ere mintzatu zen apezarekin, Azenarirekin gogorrago jokatzeko. Hurrengo egunean, etxeko jauna agertu baino lehen joan zen Semeno. Uda hasieran baskoiak gerrarako prestatu ziren, Almanzorrek esklabo musulmanak askatzeko aitzakiaz kanpaina eginen zuelako. Aurreko udaberriaren hasieran, musulmanen enbaxadorea zen al-Bakri kadi edo jueza agertu zen Iruñean Errege aurrean esklabo musulman guztien askatasuna eskatzeko. Baskonian esklabo musulmanik ez zegoela erran zioten eta berak eliza batean hogei urte lehenago esklabo hartutako bat aurkitu zuenean, haserre, alde egin zuen Kordobara. Erran gabe doa Almanzorrek udan agertuko zela lautadak suntsitzera. Erresuma osotik mugako tenentzietara bidali zituzten gerlariak, erasoen esperoan. Uda hasieran musulmanen armada batek Errioxa txikitu zuen eta Baskoien zaldun eta oinezko gehienak Naiara defendatzen ari ziren. Najerilla eta Lezako bailaretan borroka gogorrak izan ziren. Ez ziren bi armadak aurrez aurre jarri. Denak ziren eraso eta kontraerasoak. Lezan kristauak galtzaile suertatzen ari zirenean Lizarraldeko zaldun batzuk agertu eta musulmanak ihesari eman zioten. Gero, Arnedo inguruko mendialdean kristauek garaitu zuten beste partida bat eta Arnedo bera inguratu zuten ondoren. Musulmanek Kalagorritik bi armada bidali zituzten, bat Leza eta Arnedora eta beste bat Azagra eta Azkoienera. Hilabete batez mugimenduak izan ziren, baina borroka handirik ez. Baskoiek gazteluak, dorreak eta herrien harresiak defendatu zituzten eta musulmanek gehiago izaki, landak hartu zituzten Errioxa eta Aragoi bailara bitartean. Abuzturako musulmanek esklabo batzuk hartu ondoren Medinacelirako bidea hartu zuten. Abuztu bukaeran, Zaragoza eta Oskatik bidalita, bi mila bat gerlari Aragoiko Unkastilloko inguruak arpilatzera sartu zirenean, hurbileko gazteluetatik ehun zaldun baskoi bildu ziren borrokarako prest. Latza izan zen herriaren aurreko borroka. Kristauek garesti saldu zuten bizia, baina azkenean neka eginda gelditu ziren. Zaldun zaurituek gazteluan babesa bilatu behar izan zuten. Gazteluko beste gerlariekin batera ahal izan zutena egin zuten bi egunetan. Lehenengo egunean musulmanek gaztelua inguratutakoan, katapultekin harriak bota zituzten, gaztelua erdi desegina eta hildako eta zauritu asko utziz. Bigarrenean harresiak eskailerekin eraso zituzten behin eta berriro, borroka odoltsuak sortuz. Defendatzaile guztiak akabatu zituzten. Gerlari bat bera ere ez zen bizirik atera. Handik aurrera Unkastilloko ehun zaldunen borroka izendatu zuten hura oinezkoak ahaztuta. 5 - Udako kanpainaren ondorioak. Uda hartako kanpainaren ondorioak ikaragarriak izan ziren. Gonzalo printzea eta Joanes ehunka hildakoen artean ziren. Milaka ziren zaurituak eta esklabo hartutako herritarrak. Musulmanekiko gorrotoa ikaragarri handitu zen bai gerlarien artean, baita herri xehean ere. Bazirudien batzuek ahaztu zutela eraso haiek neurri handi batean jauntxo batzuen ondasun eta fama goseagatik gertatu zela, Unkastilloko errepresioa haiengatik gertatu zela. Nolabait ere, jaun Enekok ez zion azioa anaiari barkatu, baina bizibiderik ez zuenez, ezin zuen anaia etxetik bota. Ez zuen berarekin harremanik; dena den, Semenok nahi zuena egiten jarraitu zuen. Udazkenean ehizaldiak egiten eta menpekoak zirikatzen ibili zen. Azenari beti Otsoarekin ibiltzen zen. Bi lagunak, Xorri, Antso, Txori eta Potxorekin jolasten pasatzen zituzten arratsaldeak. Egun haietan aukera zutenean herritik landa ibiltzen ziren, animalia kaltegarriak ehizatzen. Arkuak eta geziak erabiliz azeriak ziren haien helburu askotan. Batzuetan Esteribarretik jotzen zuten iparraldera; beste batzuetan Egues eta Arangunera jotzen zuten eta azken aldian Arga errekatik behera Iruñera hurbiltzen ziren. Egun batean Magdalena deituriko baratzeetan ari zirenean osaba Semeno ikusi zuten herritar batzuekin bide ondoko taberna batean. Azenarik isiltzeko eta ezkutuan hurbiltzeko erran zien. Han zirela, entzun zioten Semenori besteak nola zirikatzen zituen. –Moroen lurrak oso aberatsak dira. Ausartak izanez gero, jopu on bat antolatu eta arpilatze ederra eginen genuke. Badakizue nik egina dudala eta izugarrizko dirutza lortzen ahal da. –Herritarrak, nekazari, abeltzain eta morroiak ziren eta beraren menpekoak ez zirenez, barre egin zioten, jauntxoak aberasteko eta hiltzeko prest egongo ziren gixajoak beste leku batean bilatzeko erranez. Semeno bakarrik zegoelako, bestela hantxe akatuko zituen barre egin ziotenak. Armatuta egonda ere, labanak zituzten hamar bat herritarren kontra ezin zuela ikusita, alde egin zuen Iruñea aldera. Mutilak kontu handiz tabernatik urrutiratu eta herrira itzuli ziren. Inoren beldurrik gabe hitz egin ahal zutenean, Xorrik hari buruz entzun zuena komentatu zien besteei. –Herrian erraten zuten Semenok etxe pobreetako semeei horrelako eskaintzak egin zizkiela. Itzuli zenean, ordea, zabaldu zen morroiak utzi zituela, atzetik zituzten moroak arku eta geziz geldiarazteko, eta bera libratu ahal izateko –Antsok eta Potxok ere baieztatu zuten Xorrik errandakoa. Hurrengo hilabeteetan andre Uxue gaixorik egon zen. Gaizki sentitzen zen askotan. Tripako minak ez zion ezer egiten uzten eta ohean gelditu behar zuen. Iñaxik etxeko martxa eramaten zuen eta zaintzen zuen andrea. Garazik, belar-sendagilea, gaixotasuna sendatzen ahaleginak egin arren, handik gutxira garbi zekien sendagaitza zela. Karramarroaren gaitza zen. Egin ahal zuena egiten zuen, mina apaltzeko botikak emanez. Ez zion gaixotasunaren berri eman, andre Uxueren aurpegian bazekiela irakurri zuelako. Gainera, andereak senarra eta familiakoak ez larritzeko eskaera egin zion belar-sendagileari. 6 - Uharteko jaun Enekoren egitekoak. Jaun Eneko etxeko kontuez arduratzen zen egunero. Gero, kanpoko eskaerak hartzen zituen kontuan, askotan auziak entzun eta erabaki behar zituen. Ahal zuen bezain laster gerlarien praktikak zuzentzen zituen. Noizean behin bere mendeko herri eta jabetzetan bisitak egiten zituen eta ehiza zen bere zaletasunik handiena. Egun hartan errate baterako etxeko eta kanpoko auzi pare bat zuzendu ondoren, Azenarirekin ezpata praktikak egin zituen. Goiz samar zenez mokadu bat hartuta, Azenari eta bi gerlarirekin zaldiz itzulia egin zuen Egueseko herri batera egunean eginkizun batzuk betetzeko. Trostan abiatu eta pausoka jarri zirenean semeari hasi zitzaion hizketan. –Azenari, hire betebeharra herritarrak zaintzea izanen duk. –Osabak ez du horrela jokatzen ba! Nik entzun dut herritarrak arpilaketarako deitzen. Ez dio inoiz herritar bati laguntzarik ematen. –Azenari, isildu itzak zurrumurruak, are gehiago senide bati buruzkoak. –Ez dut hortik barna egin. Baina zuri nire belarriekin entzun dudana eta ikusi dudana erraten dizut. –Ongi duk, baina ez zabaldu hortik. Gure aita zenak, Jaun Antso Enekones, ongi eta garbi erakutsi zizkiguan herriarekiko maitasuna eta Baskoniarako zerbitzua. Horrek eskatzen ziguk semenotarren menpe bada ere, erresuma defendatzea eta gure menpeko herritarrei laguntzea. Arratsaldeetan On Afranio apeza erlijioaz mintzatzen zitzaion Azenariri. Kristau onaren betebeharrak eta jokaeraz ari zelarik, etengabe, bekatariak infernura joanen zirela erraten hasi zen sermoian izan balitz bezala. Gero eta sutsuago munduaren akabera berehala izanen zela bota zuen mutilaren harridurarako. Jokaera zorrotzeko apeza zen, emakume, gazte eta umeekin bereziki. Aurreko apeza, Eulogio hil zenean apezpikuak apez gazte hura bidali zuen Uharteko herrira eta dorretxean aritzera. Urte betean ez zuen jaunaren eta andrearen konfiantza, baina bazekien onarena egiten, sinesmen handikoa agertuz handikien aurrean; menpekoen aurrean, aldiz, gogor eta bihotz-gabe jokatzen zuen. –1000. urtean gaude eta idazki sakratuetan agertzen den bezala, jainkoaren aingeruek munduaren akabera iragarriko dute aurten. Ez dugu denbora galdu behar mundu honetako pentsamenduetan. Gure arima garbitu eta gorputza zigortu behar dugu. Ez genuke besterik egin behar. –Azenarik ezin izan zuen eutsi eta galdetu zion. –Ez al gara 1038. urtean sartu? –apezak aurpegi desatsegina jarri zuen. –Era hispanikoaren 1038. urtean gara, bai, baina era kristauaren 1000.ean. Ofizialki, Zesarren garaitik kontatzen da, kristauontzat, ordea, Kristo jaio zenetiko 1000.ean gaude. Liebanako Beatok Apokalipsiaren komentarioetan agertzen duen bezala: Jainkoak abisuak eta izurriak bidaliko ditu munduaren akabera iragartzeko eta segituan biziak eta hildakoak juzgatuta, onak sarituko ditu zeruan berarekin eramanez eta gaiztoak izugarrizko zigorrekin infernura bidaliz. Urtea bukatu baino lehen gertatuko da dena, eta zuk horrela jarraituz gero, kristau bizitza ona izan ezean, infernura joanen zara erremediorik gabe. Ordura arte mutilak apez gogor eta errezuzaletzat hartzen bazuen ere, handik aurrera obsesiboa iruditu zitzaion, adinagatik oso kontziente ez bazen ere. Beldurra sartuarazi nahi zion apezak? Kezka handia zuenez amarengana jo zuen apezak errandakoa kontatzera. Ama ohean zegoen, etzanda baino gehieago eserita, Iñaxi eta Garazi belar-sendagilearekin zegoen. Egin beharreko zaintzak bukatuta, Uxue andreak bere seme nagusiaren aurpegi serioa ikusita galdetu egin zion. –Zer duzu mutiko? Zergatik zaude hain serio? –Amatxo, on Afraniok dio munduaren akabera datorrela eta Jainkoak juzkatuko gaituela. Erran dit ez naizela ona eta infernura joanen naizela zuzen-zuzenean. –Ez da izanen! Zu ez zara gaiztoa, maitea. Berak erran nahi dizuna da ona izan behar duzula. Ez kezkatu. Hitz egin behar dut apez horrekin. –Garazik ezin izan zuen isildu. –Apez horiek, besteei beldurra sartzen eta dirua eskatzen beti. Mutiko inuzente bati horrelakoak botatzea ere! Zaude lasai mutiko. Zu ona zara. Duela 38 urte aritu ziren munduaren akabera zetorrela erraten eta zabaltzen. Bekatua gora eta bekatua behera, infernuko sutan bukatuko ginela zabaldu zuten, jende sinesbera sufriaraziz. Nahikoa sufrimendua dugu mundu honetan, apezek oraindik gehiago sufriarazteko. Amak semea besarkatu eta lasaitu zuen, apezaren jarrerari garrantzia kenduz eta bera ona zenez, ez kezkatzeko erranez. 7 - Noblezia eta erregea. 1000. urteko martxoan Gartzia Santxez Dardartia deituriko erregea hil zen biriketako infekzio handi baten ondorioz. Antso printzea adinez nagusia ez zenez, erregeordetza antolatu behar izan zuten. Hileta-elizkizunetara errege-familia zabala, goi mailako kleroa, nobleak eta gerlari-buruak elkartu ziren. Hurrengo egunetan gorte osoa bilduko zen Baskoniako aginpidea segurtatzeko. Kurian, zendutako erregearen alarguntsa eta ama buru izanen ziren. Haiek laguntzeko apezpikuak, jauregiko nobleak eta buru militarrak. Hurrengo eguneko bilera nagusi hura prestatzeko, arratsaldean elkartu ziren. Mahai baten inguruan bilduta zegoen Erregeordetza: bi erregina-alarguntsak Urraka Fernandez, Abarkaren alarguntsa eta Fernan Gonzalezen alaba; Jimena, Garzia Santxez Dardartiaren emaztea izandakoa; Jimeno, Iruñeko apezpikua; Garzia Naiarako apezpikua; Johan Oriolez botilarioa; Antso Fortuniones, salako maestrea; Lope Iñigez maior equorum-a eta Naiarako Jauna Fortunio Santxez alfereza edo buru militarra. Erregeren heriotzaren ondorioz gobernuaren inguruan zalantzak sortzen ziren eta botere-hutsunean gerta zitezkeen arazoei aurre egiteko elkartu ziren. Jimenok hartu zuen hitza lehenengoa, adinez eta gobernuaren inguruan esperientziadunena baitzen. –Ene erreginok, jaunok, Antso printzea adinez nagusia ez den bitartean garbi eta zalantzarik gabea izan behar da erregeordetza. Erreginek eta hirurok, tutore zuzenak bezala, Erregetzaren ardura hartuko dugu, zuen laguntzarekin. –Fortunio Santxez-ek ez zuen hain erraz ikusten eta adierazi zuen. –Barkatu. Errespetu osoz gogoratu behar dizuet bai herriak baita nobleek ere esku indartsu bat ikusi behar dutela. Guk guztiok lagunduko dizuegu, nik lehenengoa. Hala eta guztiz ere, zuek hirurokin administratzaile batek eta gerlari-buruok agertu behar dugu, printzearen ondoan. Salako mayordomoa den Jaun Antso Fortuniones ene semeak eta biok ederki bete ditzakegu funtzio horiek. Gainera, leinuko nagusiko buruek zin egin behar digute leialtasunez, koroa eta erregeordetza babestu eta obedituko dutela. –Denek keinuz eta ahopez adierazi zuten adostasuna, gustatu ala ez. Urrakak laburtu zuen bi erreginon iritzia. –Ongi da jaun Fortunio. Baina printzearen ondoan erreginok agertuko gara, eserlekuaren atzean on Jimeno eta zuek bi aldeetan. Hurbil egonen zarete zuek beste guztiok eta konfiantzazko jaun eta apezak, gure erresumako leialenak. Uharteko Semeno Santxezek pentsatu zuen erregetza berriro bere leinura itzultzeko garaia zela. Enekok onartzen zuen estatus quo-a. Nola erran eta konbentzituko zuen? Iluntzean, afaldu ondoren lasai eta aldarte onean zegoela ikusi zuenean hitz egitea erabaki zuen. –Anaia, hitz egin behar dugu erresumaren egoeraz. –Jaun Enekok errezeloz begiratu zion bere anaia txikiari. Azpijokoan ari zela pentsatu zuen. –Ez dut ikusten arazorik hitz egin behar izateko. –Bai, bada! Printzea mukizu bat da eta behar du gizon boteretsu eta ospe handikoa bere ondoan. Erregeordetza indartsua behar dugu. –Eta nor da gizon hori? Zu agian? –Ez. Zu zara ospe handikoa, Leinuetan bururik indartsuena eta errespetu gehien sortzen duena. Zuk baino ez duzu ematen ahal behar den segurtasuna. –Ezta pentsatu ere. Guk erreginoi lagunduko diegu. Gure ahaideek, Naiarako jaun Fortunio alfereza, armada-burua, nahikoa da segurtasuna mantentzeko. Zuk ez diozu printzeari lagundu nahi. Entzun: ez ditugu gure erresumako indarrak banatuko. Ez dut berriro eztabaidatu nahi auzi honetaz. –Semeno ez zegoen ados. –Iparraldeko leinu eta herriak alde dituzu. Erronkaritik Bizkaiaraino, Ipuzkoa, Iparraldea eta baita Gaskoniako lurralde asko ere. Eneko Fortunionesi egin ziotena gertatuko zaio printze mukizu honi. Leinu indartsuena gurea da... –Eneko Santxez-ek garbi zuen auzia eta haserre hitz egin zuen. –Bai eta Aragoi, Tafallaldea, Deierri, Araba eta Errioxako leinu eta tenentziekin, hegoalde osoko gerlariekin borrokan hasi beharko genuke. Gerra litzateke gure artean eta hori ez dut inola ere bultzatuko. –Gure ahaideak, jaun Fortun, alfereza eta bere semea Antso salako maisua konbentzituz gero, Nahiara eta mugako soldaduak alde izanen ditugu. Egina genuke. Haiek ere Eneko Aritzaren ondorengoak dira... –Aski da. Ez dut baskoi bakar baten odola isuriko. Ximenotarren ondorengo zuzena adin txikikoa bada ere, hegoaldeko leinuak atzean dituzte. Zuk ez duzu guzti hau Baskoniagatik egiten, boterea lortzeko baizik. Zu Errege izanen bazina, gure herria suntsituko zenuke, kanpoko etsairik gabe. Zoaz nire bistatik. Ez zaitut aurrean ikusi nahi. –Semenok zer eginik ez zuela ikusita joan zen haserre eta marmarka. Horretan geratu ziren Semenoren azpijokoak. 8 - Uharten. Gerra prestaketak. Saloian iluntasuna nagusitu zenean, jaunak kandelak pizteko agindu zuen. Gonbidatuak mahaiaren ingurura hurbildu ziren. Udaberriaren bukaera zen. Solstiziorako bi asteetara, egunak luzatzen ari zirenean, berandu afaltzen zuten. Eguneroko lanak bukatutakoan morroi eta jaunek atseden eta garbiketa azkar baten ondoren, otordu eta mintza-solasekin bukatzen zuten eguna. Egun hartan, garaiko barazki freskoak hartuta, hilabete gutxiko txerri eder bat zuten bigarrenerako. Morroiek burdinatik ateratako puska erreak plateretara pasatu eta afaltiarren artean banatu behar zituzten, ogia eta ardoa erruz lagundurik. Mahaiaren erdian, ohorezko tokian Uharteko jaun Eneko zegoen; bere ezker aldean etxekoak, Semeno; Eneka, Azenari eta Semeño seme-alabak inudearekin; Gartzia gudalburua eta Antso Belasko, salako maestrea, jaurerriko administratzailea eta etxeko andrearen anaia zena. Eskuinean, bisitan etorritako Legineko hiru zaldun, apeza eta haren laguntzailea eseri ziren. Burutzan, jaunaren ondoan, Uxue anderearen lekua hutsik, gaixorik baitzegoen. Uharteko dorretxea Iruñeko lautadaren ipar-ekialdean zegoen. Esteribar haranaren sarreran herria eta dorrea kokatzen ziren, Arga errekaren ondoan Orreagarako bidean. Uharteko jaunak bere dorretxetik Esteribar, Uharte herria eta inguruko beste lur batzuetan agintzen zuen. Bera zen inguru zabal batean jueza eta bailara batzuetan agintari eta kapitaina. Baskoniako handikien artean garrantzitsuenetakoa. Urte hartan, 1000. urtean, gerra giroan bizi ziren. Aurreko urtean Almanzorrek eraso zuen erresumako hegoaldea esklabo musulmanak askatzeko aitzakian eta beste razzia bat espero zuten uda hartan. Jaun Eneko eta bere konbidatuak afari-ondoan egoeraz mintzatzen hasi ziren. Tentsio handiko giroa susmaturik, Azenari han geratu zen txokoan belarriak erne, haurrideak eta inudea aldendu eta oheratzera joan zirenean. –Kezkatuta gaude jauna –erran zuen Legineko Antso kapitainak. –Erregea hil zenetik gure lurraren defentsari eta gerlariei ez zaie behar bezalako kasurik egiten. Berorrek badaki Almanzorren erasoa dagoeneko prestaketetan dagoela eta erreginek eta apezpikuek ez dutela ezer egin. –Gure gotzainek Jaungoikoaren hitza zabaldu eta aginduak betearazten dituzte –erantsi zuen apezak–. Jainkoak lagun, onik aterako gara egoera larri honetatik... –Jaun Enekok moztu behar izan zion erretolika. –Ez eztabaidatu jaunak. Biok arrazoi duzue neurri batean. Errege Kontseiluak beharrezko zaintzak egiten ditu. Egia da, hala ere, gure defentsak prestatu eta erasoaren kontrako neurriak hartu behar ditugula. –Jainkoak lagun, idolatrak ez dira gure lurretan sartuko –gaineratu zuen apezak. –Al-Bakri, kadi eta enbaxadoreak esklabo musulmanak askatzeko agindu zigunetik bi eraso jaso ditugu eta udan beste bat espero behar dugu, Semeno, berorren anaiari esker gainera –erran zuen Leginekoak. Semenok ezin izan zuen jasan eta ez zen isilik geratu. –Herejeen kontra gerra egitea ez da bekatu. Guk Jainkoaren alde borrokatu egin dugu. –Et, et, et... –moztu zuen Antso kapitainak–. Almanzor, musulmanak esklabo hartzeagatik guri begira zegoenean, lau jauntxo gazte lapurretan ibiltzea ez da Jainkoaren alde egitea, haren haserrea baskoi guztien kontra erakartzea baizik – Semenok ahots dardartiz zerbait gaineratu zuen. –Unkasteluko borrokan hil zituzten ehun zaldunak mendekatu behar genituen... –Zuek lau jauntxook Calatayud inguruetan arpilatu, gobernadorearen anaia hil eta esklaboak hartzearen ondorioa izan zen Unkastelukoa... –bota zuen Antsok–, eta ez aldrebes. Hobe isiltzen bahaiz! –Aski da! –erran zuen jaun Enekok mahaiaren gainean kolpe bat emanez–. Isildu hadi Semeno. Antsok arrazoi dik hiri leporatutako guztietan. Gainera, Kontseiluari gudarostea deitzeko beharraz konbentzitu behar diogu. Lasai jaunak, bihar Iruñera joanen naiz. Han mintzatuko naiz gure mobilizazioaz eta zaudete ziur Kontseiluan hitz egingo dudala. –Afaria bukatutzat emanda, lotarako prestatzen hasi ziren. Momentu hartan etxeko jauna, Antso salako maestrearekin, eta zerbitzari buruarekin eginbehar batzuetaz aritu zen. Horrela, Uharteko jauna kanpainarako neurriak hartzen hasi zen. Azenari bere jarlekutik denari begira zegoen. Bere aita menpekoekin biltzen zen bitartean, beste bi talde egiten ari zirela ikusi zuen. Legineko zaldunak Gartziarekin elkartu ziren gudarien gorabeheraz hitz egiteko eta osaba Semeno, artean haserre eta Antso kapitainari gaizki begira, apeza eta akolitoarekin hasi zen ahopeka. Azenarik oroitu zituen osabari buruzko esamesak. Hiru urte lehenago, bere hiru lagunekin eta beste hamar bat gerlari eta morroirekin arma, zamari eta janaria lortu eta ehizatzera joateko aitzakian Bardea aldera abiatu ziren. Handik aste batera, hainbat artelan, urre eta esklabo hartutako zenbait emakumerekin agertu ziren, Kalatayud-en musulmanak garaitu zituztela erranez. Egun gutxi batzuen buruan bestelako berriak entzun ziren. Alkaidearen anaiaren almunia edo nekazal etxaldea eta inguruak sarraskitu zituzten gudari gutxi batzuek, ezustean harrapatu ondoren. Gainera, gizonak larriki eta lotsagabeki torturatu, emakumeak bortxatu eta utzi zuten guztia suntsitu zutela leporatu zien gobernadorearen bozeramaleak. Oroitzapen haietan zegoelarik, Semeno bere ilobaren begiradaz ohartu zen eta inor konturatu gabe mutilaren ileetatik tiraka, saloitik atera eta bortizki bultzatuz etxeko umeen logelara bota zuen. Azenari saiatu zen txintik ez ateratzen, ez baitzuen nahi minagatik sortutako malkoak inork ikusterik. Beren logelan negar isilean aritu zen Azenari, lotan ziren senide eta inudeak ez esnatzeko. Handik gutxira ohartu gabe loak hartu zuen, ametsetan osabaren begirada gaizto eta amorruz beteak mehatxatzen zuen bitartean. Hurrengo egunean Iruñera abiatu ziren, jauna, Azenari semea eta Gartzia kapitaina, zaldun batzuk lagundurik. Egunsentia baino lehen morroi batek esnatu zuen mutila, jaunak deitzen ziola erranez. Mutilak aita agurtu zuenean, honek burua laztandu ondoren, irribarrez, erran zion bi egunetarako Iruñera joango zirela, azkar garbitu, amarekin despeditu eta arropa garbia janzteko. Handik gutxira zaldi banatan abiatu ziren. Jaun Eneko eta semea, atzeko zaldunengandik urrutiratuta zeuden. Aita, gortean kontuan izateko aholkuak ematen hasi zitzaion semeari. –Gortean, ezustekoen aurrean lasai itxurak egin behar dituk eta ez egin, ez oihu, negar, ezta algararik ere. –Azenariren harridura aurpegiaz oharturik jarraitu zuen–. Erranen diat zergatik. Gortean, batzuetan, asmo txarrik ez badute ere, dibertitzeko besteen emozioak erabiltzen ditiztek. Gure familia inportanteenetakoa duk eta besteek zirikatu eginen diate. Horretarako arrazoia duk Eneko Aritzaren ondorengoak garela; baina, Fortun Gartzes haren bilobaren ondoren gure leinua baztertu zitean eta ordutik Antso Gartzes semenotarraren beste errege-familia zagok boterean. Guri, gure lagunek enekotar edo aritzar deitzen zigutek; etsaiek, ordea, fortundar, errege hura zoritxarrekoa izan baitzen. –Azenarik oroitu zituen inguruko herritarren errespetu tratamenduak, baita beste familia nobleetako haur handiago batzuen mesprezuzko tratuak eta amak kontatua: –Ez egin kasurik bekaizkeriaz jotako jauntxoak baino ez dira horiek. Gure familia, alboratutako beste errege-familia da eta baztertzeko jarrera erakutsi behar digute, besteen aurrean oraingo errege-familiari men egiten diotela erakusteko. –Amak dena kontatzen zion, modu errazean, baina heldu bati erraten zaion bezala. Horregatik zortzi urtekoa izan arren, ezagutzen zuten heldu guztiek maila berean hitz egiten zioten aspaldian, gauza asko ulertzen zuela ikusirik. Uhartetik Iruñerako legoako bidea poliki egiten hasi ziren, asko baitziren azokara inguruko herrixketatik beren asto, mando eta gurdietan nekazal eta artisautza produktuak eramaten zituztenak. Zaldien gainean aurreratu egiten zituzten oinezkoen taldeak. Herritarrek zein ziren ezagututa, agurtu egiten zituzten. Zuhaitzek kimu eta lore goiztiarrak erakusten zituzten Argaren bide zaharretik. Arrerako gurutzean, Ultzama erreka pasatu ondoren, iparraldera desbideratu ziren baselizako apezak, jaun Eneko ondotik pasatuko zela jakin gabe, mezulari bat bidali baitzion handik agertzeko erreguarekin. Denbora asko pasa gabe, baseliza txiki eta ilunera sartu ziren. Apeza inguruko etxe batean izango zen. Jauna, han zegoelako abisua bidali ondoren, apezaren zain geratu ziren. Bakarrik zeudela aprobetxatuz, jarraitu egin zuen azalpenekin. –Baskoien lurralde honetan hamabi leinu nagusi zaudek. Haietako bat gurea zuan Iruñetik iparraldeko lurrak menperatu eta mugak zaintzen genitian. Horregatik baskoi guztiak gidatuz, Karlo Handiaren armadako frankoak garaitu genituenean, gure herritarrek errege izendatu ziaten Eneko. Halere, kasitarrekin genitian ahaidetasun harremanek eta herritarrek sentitzen zuten musulmanen kontrako jarrerak leku txarrean utzi zitean, haren biloba zen Fortun Gartzes. Fortun, Kordoban atxilotuta zegoan bitartean, Antso Gartzes Zangotzako semenotarrak borroka batzuk irabazi zitian eta Asturiaseko erregearekin harremanak eta akordioak lortu zitian. Fortun hil zenean bizirik zegoan bere seme nagusia, Eneko, adin gutxikoa zuan eta orduantxe Antso Gartzes errege izendatu zitean. Eneko Fortuniones, nire aitona Eneko Fortunionesen aitona zuan. Gure leinuko beste adar batek, Azenar Fortunionesen ondorengoak, gortean agintzen ditek, Fortunio Santxez Naiarako jauna adinekoa bada ere, gudaroste burua, alfereza duk, erregearen eskuin eskua eta bere seme Antso Fortuniones maestresala duk. Ehun urte pasa dituk eta gugandik lehengusu txikiak urrundu badira ere, indar handia diagu enekotarrok. Aitak ateraino begiratu zuen, Gartzia erraten ari zitzaiolako apeza sakramentu bat ematen ari zela eta berehalaxe heldu zela. Baiezko keinua eginez jarraitu zuen kontatzen: –Gortean Antso printze semenotarra ezagutuko duk hire adinekoa da-eta. Baita Fortun Santxez, maestresalaren seme nagusia, gure lehengusu txikia, printzearen esne-anaia ere baduk. Hire aurpegiagatik ikusten duk ulertzen duala. Lasai, bi egun hauetan gehienetan arreba Santxa eta Belasko scriptore jaunaren etxean izanen gaituk lo egiteko. Guztiz gure konfiantzazkoak dituk. Badakik hire izeba-osabak direla bi aldeetatik. Baina kontuz ibil hadi errege-familia eta handikiekin. –Semea baiezko keinua egiten ari zela, apeza arnasestuka sartu eta hasi zen erraten hiltzear zegoen bati azken olioak eman zizkiola. Handik gutxira arnasa berreskuratuta, bere laneko gorabeheraz aritu zitzaion Eneko jaunari. Azenari baseliza ondoan eraikitzen ari zen harrizko zubira hurbildu zen eta langile batek kanpotar bati emandako azalpenak entzun zizkion. Zubi hura bukatzean pasako ziren Pirinio bestaldetik etortzen ziren erromesak. Handik gutxira, Iruñea ondoko paisaian erreparatu gabe ibili zen Azenari. Bueltaka zerabiltzan buruan azken egunetako gorabeherak eta bereziki aitak kontatu berri ziona. Ez zituen nabaritu hosto berri distiratsu berriak ezta pikondoek zabaltzen zuten usain umela. Pixkana-pixkana zaldi urrats-hotsen laguntzaz hurbildu ziren hiriburura. Iruñeko iparraldeko ataritik sartuta, Errege jauregira abiatu ziren. Jauregiko patioan zaldiak morroiei utzita eta garbiketa arin bat egin ondoren, saloi nagusira zuzendu ziren zerbitzari baten atzetik. Gela handiaren beste aldean zurezko plataforma gainean, besaulki handietan bi erregina-alarguntsak zeuden: Urraka Fernandez, Abarkaren alarguntsa eta Fernan Gonzalezen alaba zena eta Jimena, Garzia Santxez Dardartiaren emaztea izandakoa. Haien ondoan, ezkerraldean, Jimeno, Iruñeko apezpikua eta Garzia Naiarako apezpikua aulki txiki banatan eserita ikusten ziren; Eskuinean, zutik, Garzia Belazquez Kantzilerra, Antso Fortuniones salako maestrea, Johan Oriolez botilarioa eta Lope Iñigez maior equorum-a hizketan ari ziren. Zerbitzariak etorri berrien izenak ozenki ahoskatu zituen salakoen arreta erakarriz. Jaun Enekok eta Azenarik, belauna lurrean erreberentzia egin zieten erreginei eta haien baimena eta agurrekin, jauna honela mintzatu zitzaien: –Gure erreginok, jaunok, erran behar dizuedana azaltzen hasi baino lehen, zilegi bekit ene seme nagusia aurkeztea. Hau duzue Azenari gure etxeko premua, oinordekoa, txikia adinez baina dituen zortzi urteetarako oso heldua, gure ardurak eta nekeak ikasteko ekarri dudana. Azenarik ere agurtu zituen bildutakoak bi erreginei gur bana eskainiz. Urraka erreginak erantzun zien denon partez: –Uharte, Esteribar, Erro eta Egueseko Jaun Eneko, gure ahaide, erresumako pare eta fortundarren leinuaren buru, ongi etorri gure kontseilura, baita Azenari zure seme prestua ere. Bidali diguzun premiazko bilera eskaera dela-eta pasa gaitezen gaira. Adieraz ezazu zein den premia handiko hori. –Ene Erreginok, jaunok, ongi dakizue Almanzorrek hilabete gutxi barru razzia handi bat egingo duela. Nik mobilizazioaren premiaz ohartu behar dizuet. Eta nire iritzi eta aholkua kontuan hartu nahi baduzue, nik Sancho Garcia Gaztelako kondearen deiari kasu egingo nioke, ahal bada borroka-tokia gure lurraldean ez izateko. Gaztelara mugitzeko, zaldunentzako deiak lehenbailehen hasi beharko genituzke... –Oraingoz aski da, Jaun Eneko –adierazi zuen Oriolez–. Hori guztia erabakita du Kontseilu honek. Gure alferezak, Naiarako Jauna Fortunio Santxez, jaun guztion bilera deitu du hurrengo asterako, igandean meza nagusiaren ondoren hemen egiteko. Bi aste barru ekaina bukaerarako gure lurrak zainduta eta gudaroste handi bat Gaztelan izateko moduan egonen gara. Hemen zaudelarik, has gaitezen prestaketak egiten... –Ongi da jaunok –moztu zuen erregina Urrakak–; baina, mutil hau aspertuko da gobernuko auziekin. Furtuniones, eraman ezazu mutila gailetak eta basokada bat esne hartzera. Aurkeztu iezazkiozu zure Fortun, bere lehengusu txiki eta gure Antso, haiek ezagut ditzan. Adinekoak dira eta gustura jolastuko dira. Horrela, salako maisuak, gogoz kontra, ahaide txiki haren aurkezle eta morroiaren papera egiten zuela sentitu zuen. Erresumako laugarren agintariak ohoreak egin behar zizkion bere leinuko buruaren seme nagusiari, mukizu bati. Jaun Antso Fortunionesek morroi bati agindu zion mutila sukaldera eramateko eta hamarretakoa bukatzen zuenean berarengana atarira bidaltzeko. Sukaldean mokadu bat hartuta, jauregiaren zalditegi ondoko kortara eraman zuten Azenari. Han, moxal arabiar eder bat laztantzen ari ziren bi mutil. Antso Fortunionesek, izenak aipatuz aurkezpen azkarrak egin zituen eta alde egin zuen. Elkarri begira zeudela printzea hasi zen hiketan mintzatzen. –Fortun, agian ez duk jakinen Uharteko Azenari hau ere beste fortundar bat dela hi bezala. Azenari, Fortun hire lehengusu txikia duk eta hirurok Eneko lehen erregearen ondorengoak gaituk. Beraz, izan gaitezen lagun. Hau, oparitu didaten zaldikoa duk, Haize dik izena. Gustatzen al zaik? Karrera bat egin behar diagu egun batean. Hiru mutilak zaldi-mutil baten laguntzaz zaldia hezten aritu ziren. Txandaka, soka batetik bueltak eginarazten zizkioten, gelditzeko, abiatzeko, buelta egiteko, moteltzeko eta arintzeko aginduak Antsok ematen zituen bezala. Handik ordu batera zaldia nekatu eta haiek ere aspertu zirenean, hiritik ateratzea pentsatu zuten eta beroak jota, errekara joatea bururatu zitzaien. Salako maisuari abisua utzirik, soldadu batzuen zaintzapean harresiko mendebaldeko ataritik errota berriaren ondoko bainutokira joan ziren bustitzera. Han, elkarri ura botatzen aritu ziren hasieran, eta igerialdi luze bat egin ondoren, erreka ertzean etzan ziren lehortzeko. Bat-batean Fortunek zuzendu zitzaion Azenariri: –Barka iezaiok aitari Azenari. Berak gaizki eramaten dik zuek leinuko buruak izatea. Aita salako maisua duk, jauregiko posturik altuena eta aitonak Naiarako tenentzia dik, erresumako garrantzitsuena, eta gudalburua izaki, ez ditek zuen lehentasuna ongi onartzen. Zuen aurreko Eneko Fortuniones, anaia nagusia zuan; eta gurea, Aznar Fortuniones anaia txikia. –Azenarik pentsatu zuen egun hartan hirugarrenez entzuten zuela familiaren historia. Fortunek jarraitu zuen kontatzen. –Orain, bakarrik gure bi adar eta familiak gelditzen dituk Eneko Aritza eta Fortun Gartzes erregeen ondorengo zuzenak. Badituk gurekin ahaidetutako leinuak eta familiak, enekotar odola dutenak, Antso printzeak bezala –Azenariren arreta zuela ikusiz harira jo zuen. –Nik uste diat ez garela etsai, ez garela arerio, familia garrantzitsu bateko kideak eta ahaideak baizik. Familia bakarraren ohorea defendatuko diagu. Gainera gu biok gaituk bi adarretan seme nagusiak eta oinordekoak. Hori bai, Eneko, Antso, Azenar eta Fortun izenak familian errepikatzen dituk eta nahasgarria duk Fortun Santxez aipatzea, bizirik eta hildakoen artean asko gaituk-eta, beste familiakoak kontatu gabe. Niri Fortun Santxez, Naiarakoaren biloba deitzen zidatek, errate baterako. Denbora guztian Antso Gartzes, hitzik erran gabe, lasai eta serio begiratzen ari zitzaion Azenariri. Azken hau zer erran jakin gabe gelditu zen. Ez zen berritsua, baina horretaz landa konfiantzarik gabe ez zuen gehiegi hitz egiten. Gainera, aitak kontatutakoagatik hobe zuen momentuz hankarik ez sartzea. Baiezko isila eman zion irribarrea azalerazten zuen bitartean. Horretan zeudela zaindari batek bazkaltzera joan behar zutela gogorarazi zion Antso printzeari eta hau, altxatzeko keinua egin ondoren, janzten hasi zen isilik. Ezer erran gabe zihoala, ataritik sartu baino lehen, inork inguruan ez zuela entzunen ikusi eta Antso printzeak besteei bota zien berak leinuko guztiekin kontatzen zuela, Eneko Aritzaren ondorengo guztion artean Baskonia handia egingo zutela. Iruñera sartuta, Azenarik jauregian bazkalduko zuelako berria eman zioten jaun Enekori, mandatari baten bidez. Bazkaria saloi handian egin zuten hiru ahaide gaztetxoak. Otordu hartan ez zeuden erreginak ezta Errege Kontseiluko inor. Beraz, mahai burutza hutsik zegoela, hurbil jarri ziren hainbat ahaide eta konbidaturekin. Broma artean gustura hartu zituzten barazki erregosi batzuk oilasko puskekin. Bukatu ondoren kuluxka azkar bat bota zuten zalditegiaren gaineko belarretan. Arratsaldean, bi txalupatan ibili ziren. Batean bi gerlari eta bestean hiru mutilak zihoazelarik, errekatik behera abiatu ziren. Txandaka arraunak hartu zituzten, zeinek indartsuago egiten zuen ikusteko eta soldaduak atzean uzteko; baina zortzi urteko mutikoak ez ziren arerio txandakatzen ziren bi gizon indartsuen kontra. Eskuak babaz beteta, barre algarak bota zituzten egindako umekeriaz konturatuta. Atseden hartzeko txalupak erreka bazter batean igota, herrixka bateko mutil batzuen aurka harrika aritu ziren nor baino ausartago eta nahiz eta herrixkakoak gehiago izan, haietako batzuk handiagoak, besteak korrika herriratzea lortu zuten hiru aldetatik ekintza bateratuko estrategia hartu zutenean. Azenari gustura sentitu zen Antsoren bultzada lagunkoiekin eta Fortunen algarekin. Konturatu orduko buelta egiten ari ziren. Kostata eta eskuak odoletan aritu ziren berriro txandaka arraunei eragiten. Errota-berrira heldu orduko beranduegi zen eta nekatuegi zeuden beste borroka baterako. Jauregira iritsi zirenean saloian eseri ziren hurrengo egunerako planak egiteko. –Bihar goizean Gillerekin ehiza egitera joaten ahal gaituk –erran zuen Antsok– eta arratsaldean artzainekin borrokan eginen diagu –Azenarik ez zuen inoiz izena entzun eta galdetu egin zuen. –Nor erran duzue? Nor da Gille? –Fortunek azaldu zion. –Antso Gillermo, guk Gille deitzen zioagu, Gillermo Antso Gaskoniako dukearen semea duk, gure adinekoa eta ehiztari bikaina, ikusiko duk zein ongi pasatuko dugun... Antsoren osaba-lehengusua ere baduk eta gauean etortzekoa duk. –Hurrengo egunerako ehiza antolatzen ari zirela, jaun Eneko agertu zen eta agurtu ondoren, semeari deitu zion osaba Belasko eta izeba Santxarenera abiatzeko. Elkar agurtuz, egunsentirako gelditu ziren. Aita-semeak isilik ibili ziren bakoitza bere baitako kontuetan. Etxeko atarira heldu eta atean jo ondoren, jaun Enekok, semearengana bueltatuta, eguneko kontuei buruz galdetzeko tenorea aprobetxatu zuen. –Zer moduz ibili haiz printze eta lehengusu txikiarekin? Ongi ikusi haut haiekin solasean –Azenarik baiezko keinu eginez erantzun zion: –Aita, zaldiko ikaragarriarekin ibili gara eta arratsaldean errekan arraunean. Baina bihar egun osoan ehizan aritzeko asmoa dugu eta etzi ezpataka aritu nahi dugu. Aita, mesedez, geratzen ahal gara etzi arte? –Aitak irribarre eginez eta ireki zieten atetik pasatuta erantzun zion ordura arte egonen zirela, baina arratsalde hartan Uhartera bueltatu beharko zutela. Izeba Santxak eta osaba Belaskok besarkatu zituzten aita-semeak. Bi familiak bi aldeetatik zeuden elkartuta. Izebak musukatu eta laztandu egin zuen Azenari aspaldian ikusi ez zuelako. Bere kutuna zen, sei urte lehenago Antso eta Belaskita ilobak gaixotasun batek eraman zituenean, bi urteko haur txikiari maitasun gehiago eman ziolako. Maite zituen Eneka eta gero jaiotako Xemeño, baina Azenari bere kutuna zen. Berehala sartu ziren saloian eta garbituak egin ondoren afaria ekartzeko eskatu zuen etxeko andreak. Esertzen ari zirenean inudeak besotan urte eskaseko haur bat eta bi aldeetan lau-bost bat urteko bi neska-mutiko ekarri zituen denak amaren antza handia zutenak, enekotarren begi nabar argiak zituztenak. Musu bana emanda, jolas eta laudorio arinak egin zizkieten. Haurrak gustura zeuden, baina nekatuta lotan gelditzen ari zirela ikusita, aitaren aginduz jarraian eraman zituzten ohera. Belaskok irribarrez aipatu zuen belaskotarrak baziren, enekotarrak ere bazirela, enekotarren burugogor eta setati fama adieraziz, jaun Enekoren baiezko irria jasotzen zuen bitartean. Belasko Migelez, nobleziakoa zen, Larraungo belaskotarren leinukoa. Afaldu bitartean familiako kontuak eta gerra prestaketak aipatu zituzten. Belasko, errege jauregiko scriptor-ea, idazkaria zen, armadako intendentziaz ere arduratzen zen eta hurrengo egunetako eginbeharrak komentatu zituzten. Azenari hurrengo eguneko ehizan pentsatzen ari zen lotan gelditu zenean. Azenari esnatu zutenean ez zuen oroitzen nola joan zen haurren gelara. Artean, gaututa bazegoen ere, kontu handiz eskaileretatik jaitsi eta Pontzio morroiaren laguntzaz kandela baten argitan ehizarako azkon bat, gezi batzuk eta arku txiki on bat bilatu zituzten. Erran zioten bezala bestelako gauzak eta janaria jauregitik eramanen zituzten. Arineketan abiatu ziren bera eta Pontzio, izebak agindu bezala. Pontzio hogei bat urteko gazte alai, langile eta leiala zen. Errege-jauregiaren atari barnean, Ramiro arma-maisuak azkeneko aginduak ematen zituen bitartean, bi morroik zakur talde bat prestatzen eta bi mando zamatzen ari ziren. Antso, Fortun eta Gille lau pottoka hurbiltzen ari ziren. Azenari beste morroi batekin zetorrela ikusita, beste mando bat ekartzeko agindu zuten. Beste mutilek Gille eta Azenari aurkeztu ondoren, laurek, hiria oinez zeharkatu zuten eta hegoaldeko harresien ataritik atera ziren. Zaldietara igo eta trosta txikian abiatu ziren, Ramiro, morroiak eta soldadu pare bat atzean utzirik. Antso eta Fortun parean zihoazen eta Azenari eta Gille, formalki eta konfiantzarik gabe hasi ziren hizketa formalean: –Zu zara orduan Uharteko jaunaren seme nagusia. Ni ez naiz Gaskoniako Gillermo Antso dukearen lehen semea, baina anaia nagusia hil zenean ni jaiotzean haren eta aitonaren izenez batailatu ninduten eta orain neu naiz oinordekoa. Antso Gillermo naiz, baina entzun duzunez Gille deitzen didate. –Ni Azenari Enekones naiz eta neu ere ez nintzen jaio lehenengoa. Gure anaia Antso hil zenean ni gelditu nintzen seme nagusi, baina anaia txikiago bat eta arreba dauzkat. –Ongi iruditzen zaizu hika egitea? –Azenariren baiezko keinua ikustean, irribarrez, jarraitu zuen–. Atzean geratu gaituk, trosta biziagoa behar diagu. Morroiak eta soldatuak ez dituk galduko. Azenarirentzat lehenengo ehizaldi handia zen hura eta harrituta zegoen. Antso zortzi urteko mutikoa baino ez bazen ere, handia zen, agintzen ere bazekien eta urte batzuk gehiago zituela zirudien. Beste mutilak ere, Azenari barne, mutil indartsuak eta azkarrak ziren. Laurak altuak ziren eta guztiek familia nobleetan hazitako kumeen aginpide eta ausardia erakusten zuten. Nahi zutena egiteko ohitura eta oniritzia zuten morroi eta nekazari-kumeekin konparatuz. Azenari ibilia zen aitaren ehiza ekintzetan dorretxearen inguruko soro eta basoetan, azeri, untxi eta erbien gehiegikeriek eskatzen zutenean edo behin aztoreekin usapalak harrapatzen; baina sekula ez hainbeste prestaketarekin eta are gutxiago mutikoak agintari. Hegoaldeko bidetik bi legoara Erreniaga mendiaren magal basatian, soroak bukatzen zirenetik hurbil, errekasto baten ondoan, mandoak eta zamak ongi utzita bi taldetan banatu ziren. Ipar-haizeak jotzen zuenez, morroiak, zakurrak eta soldaduak itzuli handi bat eginez haizearen alde eta mendian behera eginen zuten animaliak besteengana uxatzeko, aldi berean oihuka eta zarata eginez. Lau mutilak eta arma-maisua isilik eta ezkutatuta, soilunean beraien lekuetara hurbilduko ziren untxi saldoen zain. Azenarik Gillerekin adar batzuk egokitu zituen ikusezin izateko eta geziak eta arkua prestatu zituen. Handik gutxira, zaunkak ozenago entzun zituzten eta Gillek ahopeka eta keinuka untxien etorrera adierazita, arkuaren soka sartu zuen geziaren koskan eta prestatu zen arnasa sakonki hartuz. Seinaleekin bi mutilek burua altxatu, helburuak begiztatu, geziak zuzendu, tenkatu eta jaurti zituzten. Segidan beste txanda batzuetan bota zituzten geziak, untxi saldoak etorri ahala. Luze gabe joan ziren untxiak errematatzera. Tiro askok jo zuten animaliaren bat, baina beti ez zuten geldiaraztea lortzen, batzuk arinki zaurituta eta beste batzuk oso-osorik eskapatu ziren. Lerroka jarri zituztenean eta gezien markengatik, denek bizpahiru untxi akabatu zituztela egiaztatu zuten. Handik gutxira morroiek ehizakiak hartuta kanpalekura joan ziren animaliak garbitzera. Elkar zoriondu ondoren geziak errekastoan garbituta, ehiza kanta zahar bat ahoratu zuten txantxa eta barre-algara zaratatsuak eginez. Eguerdian ehizaki-puska batzuk sutan erretzen ziren bitartean gazta eta ogiarekin hasi ziren bazkaltzen ur freskoaz lagundurik. Antsok, bazkaldu ondoren basa marrubiak hartzera eta kobazulo miragarri batera joanen zirela erran zien Ramiroren disgusturako. Honek bere iritzia azaldu zuen. –Jauna, kobazulo hori ez da oso segurua. Zorua irristakorra da eta hezur bat edo burua hautsi ahal duzue konturatzeko. Barkatu baina arriskutsua da. –Antsok errespetua adieraziz zuketan erantzun zion bere zaintzaileari. –Lasai Ramiro, kontu handiz eta soka batetik lotuta sartuko gara. Gainera metro batzuk baino ez dira izanen, kobaren distirak eta zutabeak ikusiko ditugu eta gehiago sartu gabe osorik itzuliren gara. Arma-maisuak baiezkoa eman zuen eta haragi goxoa jateari ekin zioten, norbera eta besteen punteria eta trebetasunak goraipatzen aritu ziren bitartean. Erran bezala arratsaldean fruitu gorri mordoak bildu zituzten saski batzuetan eta kobazulo zoragarria bisitatu zuten. Konturatzeko, ordu gutxi falta ziren gautzeko eta Iruñean sartu zirenean iluntze gorri-nabar ederra ikusi ahal izan zuten. Etxeratu baino lehen Azenarik eta lagun berriek hurrengo bilera adostu zuten. Bazekiten Donibane bezperan Kuria eta lehenengo armada bilerak izanen zirela. Agurren artean banandu ziren hurrengo eguna arte. Goizean harresi ondoan ezpataka ibiliko ziren. Azenari izebaren etxera heldu zenean, afaltzeko prest ziren ahaideak eta aita. Saski bat bete basa-marrubi goxo eta bi untxiak morroiak erretiratu ondoren, ehizaldiaz galdetu zioten Azenariri. Garaiko jaki goxoak afaltzen zituzten bitartean, kanpainako ildoak komentatzen jarraitu zuten mahaikideek, mutilaren arreta bereganatuz. –Kezkatuta nago gotzainekin –lerratu zen Belasko–. Gehiegi agindu nahi dutela iruditzen zait. Gauza bat da erreginen zuzendaritza espirituala izatea eta Elizaren boterea mantendu nahi izatea; beste bat da aitonen semeak eta auzi militarretan agindu nahi izatea. Harrigarria da, ez dakiten eta interesa ez zaien gauzetan nola erran nahi duten azkeneko hitza. –Zerorrek erran duzu –erantzun zuen Enekok–. Beren iritzia eta eragina jarri nahi dute handiki eta leinuen gainean, baina ez dute erraz izanen. Aginte zibil eta militarretan ez dute benetako eraginik. Kezkatzen nauena itsukeria da. Ez dute ikusten bi astetan ez ditugula gudari guztiak elkartuko? Gure gudari gehienak beharrezkoak dira gari, garagar eta olo uztak biltzeko eta ez dira uztail bukaera arte bilduko armadarekin. Erran diet behin eta berriro gotzainei, baina ez dute aditzen, haiek ez dira eta mundu honetakoak. Gure bailaretako zaldunak baino ez ditugu mugiaraziko hamabi egun hauetan, hogeita hamar bat besterik ez; etxean lagundu ondoren beste hirurehun bat oinezko eta beste ehun bat zaldun gazte bidaliko ditugu Gartzia kapitainarekin. Zuk dakizunez, neronek, geratuko diren beste ehun bat gerlarirekin eta zahar-mutil aunitzekin badaezpadako defentsa antolatu behar dut. Semeno... –orduan konturatu zen Azenari han zegoela adi eta arretaz hari begira–. Eta zu Azenari, hoa ohera, bihar goiz mugituko gaituk eta eguerdian mokadu bat hartuta itzuliko gaituk Uhartera. Aspaldian utzi dituk ikasketak alde batera, beste mutil horiek bezala, Kuriaren bilera dela-eta hire heziketa baztertu diagu, bihar jauregiko eguerdiko mezan espero haut. –Azenari aitaren errieta entzun nahi ez zuenez gero, musu bana eman eta gabona opatuz, laster mugitu zen. Biharamunean, gosari legea eginda harresietara joan ziren mutilak. Egun euritsua zen. Zirimiriak ez zuen atertzen eta hala ere, mutilek arma-maisuaren laguntzaz babes eta erasoak entseiatu zituzten. Nekagarria izan zen ezkutuak eta ezpatak erabiltzea, nahiz eta txikiagoak izan, astunak izateagatik. Ezpatak berun zatiekin benetakoak bezain pisutsuak ziren eta kolpez kolpe minduta zituzten besoak. Ramirok binaka jarri zituen eta egin beharrekoa erakutsi ondoren behin eta berriro errepikarazten zien, arnasa eta ahal guztiak akitu arte. Orduan ardietarako estalpe batean eseri ziren lasto gainean atseden hartzeko eta ur freskoa edateko. Fortun izan zen mintzatzen lehenengoa. Seriotasunaren seinale zuketan egin zuen. –Arratsaldetik aurrera berriro ikasi beharko ditugu latinak eta erretolikak. Zenbakiak ez zaizkit hain aspergarriak iruditzen, baina latinak eta errezoak apez eta fraideentzat dira, ez aitonen semeentzat. Ongi idaztea ere zaila da –bota zuen tristura amaiezina erakutsiz. –Ez da hainbesterako –gaineratu zuen Gillek–. Ez dugu eskribauek bezainbeste idatzi behar. Izkribuak eta bestelako latinak ulertu eta irakurriz gero, aski eta sobra dugu. –Txarrena duk Jimeno gotzainaren usaina jasatea –bota zuen Antsok besteen barre eta algara sortuz–. Hori ez duk garbitu jaio zenetik. Berak erraten dik garbizalekeria moro eta emakumeentzat dela. Hik Azenari zer ikasi behar duk? –Nik zuek bezala etxean behar berezirik ez bada, Gartzia kapitainarekin edo gure aitarekin armak erabiltzen ikasi behar dut edo bestela inguruko bailaretan ehiza edo ibilaldiak egiten ditut aitarekin. Arratsalde gehienetan, ordea, gure etxeko apezarekin latinak irakurtzen eta otoitzean pasatzen dut. Kontuak ere ikasi ditut gure maiordomoarekin. Gaur, arratsaldean, etxera itzuliko gara eta bihartik aurrera betiko gauzak eginen ditut. –Donibane bezperan etorri behar duk jaun Enekorekin –erran zion printzeak–. Festa handia eginen diagu eta hurrengo egunetan Kuria eta gerlari bilera ospatzen den bitartean, zalditan eta borrokan ibiliko gaituk. Agindu ezak etorriko haizela –bota zuen irribarretsu, lastotik altxatu bitartean. Denek gauza bera egin zuten. –Hitz ematen dizut ahaleginduko naizela. –Denak abiatu ziren jauregira elkarri bultzada lagunkoiak emanez. 9 - Gerrarako prestaketak. Goizaldean hasi ziren Uharteko dorretxean denak mugitzen. Lan handia zuten, zeren eta egun gutxitan udako kanpaina prestatu behar baitzuten, elikagaiak, armak, gurdiak eta animaliak ere bai. Lehen lehenik mezulariak bidali zituzten inguruko bailaretara gerlariei deia zabaltzeko. Jaun Enekoren menpeko lurrak ziren. Lehenengo deian bailara haietako zaldunak eta beharrezko horniketak mugiaraziko zituzten eta aldi berean, oinezkoen bilera azkartu zuten. Egun hartan, Azenarik lagundu zion eskribauari mezuak kopiatzen. Ez zen lan makala denek egiten zutena, justu urtarorik lanpetuenean beste mila gauzatan ibili behar zuten: armak erabiltzeko prest utzi, kopuru handitan behar zituzten azkon eta geziak bildu; janaria garraiatzeko animaliak aukeratu, animalientzako bazka, gizonentzako zerealak eta kontserba-janaria pilatu. Hamaika eginkizun ziren. Gartzia kapitainak gidatuko zuen gudarostea, baina hamabost egun beranduago berriro inguruko bailaretako beste hirurehun oinezko gidatu beharko zituen. Dena den, momentuan, dorretxetik hamabost zaldun eta ezkutari eta morroi batzuk bidali behar zituzten. Dena den, guztientzat bi gurdi janari eta armaz beteta, hogeita bost pertsona bizpahiru hilabetetan mantentzeko adina, bidean janaria lortzea zaila baitzen. Konturatzeko Donibane bezpera zen hurrengo eguna. Goiz hartan abiatuko ziren. Aurreko egunean prestatutako gurdietan hornigaiak zamatuta zituzten. Zaldunak eta morroiak agurtzen ari ziren emazte eta ahaideak. Laster, Uharteko jaunaren eta familiaren atzetik abiatu ziren Iruñera. Ordu batzuk pasata, Iruñeko harresien ondoko zelai zabal batean dendak eta animalientzako itxitura batzuk antolatu zituzten. Berehala, kanpamentuak dendaz osaturiko bigarren hiri baten itxura hartu zuen. Uhartearrak iparraldeko lagunekin elkartu ziren. Denek prest egon behar zuten ordu eskas batean kanpatzeko edo behar izanez gero dena jasotzeko. Uharteko jaunaren familia ia osoa sartu zen Iruñera, gaixo izateagatik andre Uxue izan ezik. Jaun Eneko eta familiak, Kurian hartuko zuten parte. Leinu-buruek bilerak eginen zituzten Errege-kontseiluarekin. Jaun Eneko agintarien bileran ari zen bitartean, familiako beste guztiek bizitza soziala egiten zuten, beste handikien familiakoekin bisitak eta otorduak eginez. Hala eta guztiz ere, eguna beti meza batekin hasten zuten gorte osoa elkartuz. Hiru egunetan luzatuko ziren bilera haiek armada osatu bitartean. Haurrak eta gazteak ere jolasean ibiltzen ziren. Azenari bere adinekoekin ibili zen. Mutilak egur zamauak biltzen aritu ziren Donibane bezperako arratsalde hartan. Egur meta handiak antolatu zituzten hiri eta kanpamentuen arteko zelai batean. Kontu handiz aukeratu zuten lekua. Janari postuek eta artistek ere inguru hartan aurkitu zuten non kokatu. Bitartean, ordu batzuk geratzen zitzaizkien urteko egunik luzeenean, ilundu eta suak piztu arte. Azenarik eta bere lagun nobleek berehala aurkitu zuten norekin lehiatu. Artzai edo artisau-kumeekin borroka bilatzera joan zirenean, burges batzuekin egin zuten topo. Gozoki eta bizkotxo postu ikusgarri batean zerbait erosi nahi izan zutenean, beste mutil batzuek hartu zieten aurrea eta burla baino jarrera harroa erakutsi zietenean, haiekiko interesa piztu zitzaien. Garbi zegoen denek ezagutu zituztela bai printzea eta baita normalean harekin ibiltzen zirenen taldeko batzuk ere bai. Beste mutilak, bertakoak behintzat burges franko eta gaskoiak ziren, Piarres, Armagnak deitutakoa eta bost mutil ezezagun. Zazpi mutiletatik, bost mutil adinetan nagusiagoak ziren, hamar-hamabi urtekoak nonbait; beraiek, aldiz, bost izateaz gain adinetan ez zuten bederatzi urte. Haien taldea, printzeak, Gillermok, Fortunek, Azenarik eta Gontzalek, Errioxako jaun baten semea, osatzen zuten. Gillek ezagutzen zituen Armagnak eta beste mutil bat, bera bezala gaskoiak zirelako. Bera zen baketan banatzeko saiatu zen bakarra: –Mesedez, eros itzazue zuen gozokiak eta utzi lekua, salgaiak ongi ikusi ahal izateko. –Hara, gu agintzen ari haiz. Hi ez haiz Gaskoniako dukea, oraingoz ez behintzat. –Piarres zen erantzun zuena. –Modu onean eskatu dizuet. Zer nahi duzue, jipoi eder bat jaso? –Beti bortizkeria erabiltzeko prest –bota zuen ezezagun batek. –Tira, kendu erditik behingoz. Zoazte hemendik –gaineratu zuen Antsok. –Ezetz bi taldeok harrapatzera jokatu kolperik eta armarik erabili gabe –erran zuen Armagnakek. –Gozokiak jan ondoren, jokatuko dugu armada zelaian, hala nahi izanez gero –baieztatu zuen printzeak. –Zergatik ez auzoen arteko zelaian? –burgeskumeek, maltzurkerian, beren auzo ezagutzan eta adinean oinarritu nahi zuten lehia. Karrika estuetatik ezkutatuko ziren, ustez saihesbideak erabiliz banan-banan harrapatuko zituztela. –Ongi zagok, ordu erdi bat barru zelai horretan izanen gaituk. Mutilak gozokiak erosi eta enbor batzuen gainean eseri ziren. Antsok burgesek egin nahi zutena susmatuta, zer egin azaldu zien lagunei. Ez ziren tranpan eroriko, beren baldintzak jarrita ere. Azkar joan ziren hiri bestaldeko zelaira, bidean bi lagun ezagun beraiekin eramanez. Han zeuden burgesak beraien auzoaren sarrerako bi kale hurbiletan banatuta. Etorri berriak heldu zirenean, jauntxo deitu zieten eta bi kale haien barnean ezkutatu ziren, besteak atzetik sartuko zirelakoan, banan banan harrapatzeko asmoz. “Jauntxo”-ek bi kaleen sarrera ondoan jarri ziren. Bi kaleak hurbil zirenez, bi karriken sarrera aldeetan zain gelditu ziren lasai. Ordu erdia pasa zenean, lehenengo burgesa edo beraiek erraten zuten bezala “diruzale”-a agertu zen, zer gertatzen zen besteei erran ahal izateko. Lau mutilek hura harrapatu, ahoa zapi batez itxi eta sokaz lotu zuten. Berdin egin zuten handik gutxira beste kaletik elkarrekin agertu ziren beste birekin. “Jauntxo”en taldeko mutil txikienak soka batetik zaintzen zituen bitartean, beste bi hirukoteak prest ziren kale banatan jarriz. Bitartean beste ordu erdi bat pasa zen beste bi mutil harrapatzeko eta azkeneko biak errenditzeko. Iluntzean bi taldeetakoak bakeak egin ondoren, lagunak zerbait afaltzera joan ziren jauregiko sukaldera. Gaututakoan, gustura aritu ziren su altuak saltatzen. Hasieran suak altuegiak ziren inor saltatzen saiatzeko. Su guztien artean handiena zelai erdian zegoen. Garaiera eta indarra galtzen hasi zenean mutil gazte lirain ausartenak izan ziren saltatzen lehenengoak. Hogei bat urteko gerlariak ziren guztiak, herri bakoitzeko onenak, eta norberaren herrikoek animatzen zituzten. Bi mutil nabarmendu ziren eta saltatzen zuten luzera markatzen hasi ziren beren herriko lagunak. Bat Baztangoa zen Luze izenekoa eta bestea Mikael, Goñi haranekoa. Mikaelek gehiago saltatu zuela zirudien, baina hurrengo bi saltoetan nekatuegi zegoen eta askoz salto laburragoak lortu zituen. Luzek, aldiz, hurrengo saltoetan mantendu zuen lortutakoa eta garailetzat hartu zuten erresistentzia hobea izateagatik. Gero, lehiatu gabe hasi ziren beste mutilak saltatzen. Suaren alde batean zabalera txikiago batetik hamar bat urtekoek saltzen zuten. Gure lau lagunek, jauregiko beste lagun batzuekin batera, lerroan jarri eta behin eta berriro saltatu zuten su sendatzailea. Garaiko jendeak uste izaten zuen Donibane bezperako suak gaixotasunak sendatzen zituela eta su handiago edo txikiago izan ala ez, ahal zuenak saltatzen zuen bat; haur, emakume edo adineko pertsona izanda ere. Ohean ziren gaixoei ere txingar bat pasatzen zieten edo ikatz puskak gordetzen ziren urtean zehar sortzen ziren gaixotasunen sendagai bezala. Suaren festa handi hura gainbehera joan zen handik ordu batzuetara. Jendea etxeratzen hasi zen. Mutilak neka-neka eginda eseri zirenean, gazterik sasoikoenak geratu ziren festarekin jarraitzeko. Lagunek ez zuten eguna berehala bukatu nahi. Logaleak jota ziren baina ahalegindu ziren luzatzen. Hurrengo egunean armadaren desfilea ikusiko zuten eta zelaian ospatuko zuten bazkari handi batekin. Bi egun pasatu ondoren, normaltasunera bueltatuko ziren. Gaueko hirurak aldera, logaleak jota, goizerako gelditu eta etxeratu ziren. Udako lehen egunean armadaren agur-desfile ahaztezina ospatu zuten. Armada hura ez zen armada osoa, haren zalduneria baizik: oinezkoak biltzeak beste aste pare bat emanen zuen. Erreginak eta agintarien tribunatik pasatzen lehenengoak errege-etxeko zaldunak izan ziren. Errege-zaingoko berrogei bat gerlari ibili ziren beren kapitainaren atzetik. Gero, Uhartekoaren menpeko hogeita hamar zaldunak binaka eta harro pasa ziren eta atzetik beste bailara eta herrietakoak. Zaldun guztiek oihal koloretsuak, distiratzen zuten armak eta zaldiak eraman zituzten, pauso dotorean pasatu ere. Bazirudien gerlariek beren jantzi ikusgarriez gain, zaldi gainean beren jarreraren bidez ausardia erakutsi nahi zutela. Desfilea bukatu zenean, zaldunak jaitsi ziren zaldietatik, morroien esku utzi eta familian eta herrikoekin pasa zuten eguna. Handik egun batzuetara Naiaran elkartuko ziren gerlariak eta han maniobrak eginen zituzten, armada osoa Gaztelara egun gutxitan abiatu arte. 10 - Errotik Gaztelara. Erro herria Erroibar haranaren hegoaldean zegoen. Handik galtzada zaharra pasatzen zen iparralde-Ibañetatik mendatea pasa, Argaren haranean zehar Iruñera eta Donejakue bidean ibiltzeko. Etxe multzo txikian hogei bat familia bizi ziren. Denek, baratzea, labore-soro batzuk eta belardiak zituzten. Behi eta zaldi gutxi batzuk eta bereziki artaldeak ziren ondasunik handienak. Etxe guztietan oiloak, zerriak, mandoak eta astoak zituzten,batzuek idi parea ere bai. Gehienak askeak ziren, nahiz eta familia batzuk behartsuagoak izan eta aurrera egiteko besteentzat lan egin behar izaten zuten. Herriko auziak bertako etxeko nagusiek konpontzen zituzten eta kasuaren arabera ordezkari batzuk edo bakar bat bidali egiten zituzten haraneko biltzarretara edo erresuma osokoetara. Goietxekoak ziren besteen gainetik zerbait nabarmentzen zirenak. Diferentzia bakarra, azken belaunaldietan besteen buru eta gidari izatearen ohitura besterik ez zen. Herrikoen zerga bakarrenetakoak apeza eta elizatxoa mantentzea eta Uharteko jaunari eta erregeari hogeiren bana ematea zen. Osotara zergetan hamarrena baino askoz gehiago ez zen, defendatzeko laguntza emateaz gain. Herritarren artean artisau espezializatu batzuk zeuden: errementaria, zurgina, oihalgilea eta uhalgilea; gainera, bi emakume emagin-osagileak ziren. Bestela, negu partean edozein etxetan artilezko jantzi batzuk, xaboia eta ogia egin eta mila gauza txiki konpondu edo ordezkatzen zituzten. Uztailaren hasiera zen. Arrano, hala deitzen zioten herrian, azken egunetan bezala, familiako galsoroetara joan zen, anaiak, arrebak, osaba-izebak eta aitarekin batera. Uzta handia biltzen ari ziren eta nahikoa aurreratuta zuten lana, guztien lan geldiezinari esker. Egun osoan aritu ondoren, etxera bidean Arrano lagun batzuekin topatuta hizketan hasi zelarik, aitak deitu zion. Arrano urduritu zen, halako seriotasuna nabaritu baitzion aitari. –Arrano, bihar goizean ez haiz lanera joanen. Etxeko bigarren semea haiz eta arma deirari erantzun behar diok gure familiaren partez. Hamazazpi urte dituk eta jada trebea baino trebeagoa haiz armak erabiltzen. Hire osaba nahikoa zaharra duk gure familiako gerlaria izateko eta orain hi izanen haiz etxeko gerra-gizona. Bihar goizean herriko beste gazte eta gizon batzuekin abiatuko haiz Uhartera. Dena prestatuta zagok. Arrats honetan agurtu itzak nahi dituanak eta hoa ene benedikapen eta guztion maitasunarekin. Espero diat onik bueltatzea gurera, baina edozeinen gainetik portatu ongi eta... kontuz ibili seme. –Arranok ez zuen espero bera etxeko gerlaria izatea. Beste herrietan bezala udako egun luze haietan, aitonak aitonekin, gizon helduak beren berdinekin; neskak, neskatoak, denak berdin beren kideekin elkartzen ziren, etxekoandreak eta beren laguntzaileak izan ezik. Beraiek sukaldeetan afariak prestatzen ari baitziren, egunean zehar izanak ziren batekin edo bestearekin; baina, sukaldekoa emakume helduen betebeharra izaten zen. Mutilak, herri ondoko iturri ondoan jartzen ziren enbor batzuen gainean nesken zain. Hauek, ur garraioaren aitzakian mutilekin egoten ziren. Arrano heldu zenean lagunek zoriondu zuten. –Elkarrekin joanen gaituk Gaztelara. Mailu eta biok ere hirekin ibiliko gaituk. –Narru... Ez nian espero ni neu gerlara joatea eta orain hi ere izanen haiz. Mailu bazen etxeko gerlaria, baina hi... –Gure anaia zaharra zuan gerlaria, baina zauritu zutenetik ni ninduan joatekoa. Lagunak, joanen zirenak eta geldituko zirenak, txantxetan aritu ziren, norberaren gerlari ahalmenak aipatuz. Neskak ordura arte gaitik kanpo, sartu ziren solasean gerlari berriez trufa eginez. Arranok aparte hartu zuen Nahia, bere neskalaguna. Harremana formaldu zutenetik zuka egiten zioten elkarri, errespetuaren seinale. –Nahia, bihar goizean goiz abiatuko naiz gerlara. Joanen gara aparte lasaiago hitz egiteko? –Nahi baduk, bai. –Besteen algarak ezustean harrapatu zituen biak. “Nahiak nahi dik... Nahiak nahi dik” oihukatzen baitzioten Arranori, neskek eta mutilek. Lotsatuta, zuhaitz batzuen artera baztertu ziren leku lasaiago batera, baina besteen bistatik ezkutatu gabe... Han, maitasuna betiko hitz eman, hitz goxoak eta itxaropenak adierazi, laztanak egin eta musuak eman zizkioten elkarri, beren lagunek agur zaratatsuagoak egiten zituzten bitartean. Gau hartan despedida asko izan ziren. Zaharrenak, helduak eta haurrak garaiz oheratu ziren nekatuta, hurrengo egunerako prestatu eta atseden hartzeko. Gazteak, ordea, taldeka edo binaka luzaro aritu ziren. Arranok Nahia utzi zuenean kamainan etzan zen, ilusioetatik beldurretara pentsamenduak aldatuz. Osorik Nahiaren ondora itzuliko ahal zen! Azkenean, nahi gabe loak hartu zuen. Bi ordu eskas egin ondoren esnatu zuten senideek. Arranok zerbait ahoratu ondoren, ezpata, arkua, bestelako armak eta zakuto bat hartu, denak agurtu eta bere lagunekin eta beste gizon helduagoekin batera, Goietxeko Gartz-en agindupean abiatu zen Iruñea bidera. Zaldi indartsu batek gurdi txiki batean denontzako janaria, arropa batzuk, bi denda eta armak garraiatuko zituen. Mintxo mutikoa, beraren eta beste hamar lagunen gauzez arduratuko zen. Beraien morroi ibiliko zen. Isilik egin zituzten lehenengo hiru orduak, legoak ahalik eta azkarren ibiltzeko. Hasieran mendi portua igo zuten. Gero, menditik jaitsi ziren abiada handian eta ez zuten atsedenik hartu Arga errekara heldu arte. Esteribarren ziren eta Zubiri deitzen zuten etxe multzoaren ondoan eseri ziren atseden hartzeko. Han elkartu ziren beste gerlari batzuekin eta bertakoek eztabaidatu zuten haraneko besteekin hantxe zubi ikusgarria eginen zuten ala ez. Egia erran, zurezko zubi kaskarra ikusita, oso zaila zen imajinatzea zubi ikusgarririk. Edonola ere, herriari Zubiri izena jartzea bitxi samarra zen. Erroibartarrek eta esteribartarrek elkar agurtu ondoren, bideari ekin zioten binaka edo hirunaka abiadura onean, handik aurrera erreka ondotik bide on hura jarraituz. Lau legoa gehiago egin zituzten zerbait bazkaldu arte. Egun argiz baratze batzuk zeharkatzean helmugatik hurbil zeudela jakin zuten. Zubia gurutzatuta, dorre bat eta errekaren artetik pasatzen zen bidea. Hantxe kontrolatzen ziren bidaiariak eta salerosketarako produktuak. Dorrearen jarraian Uharte herribilduaren harresia zegoen eta gorago gaztelu baten dorre altuagoa ikusten zen harkaitzaren gainean. Harresiak inguratuz eta etxaldea bukatuta, Oianalzinera joateko erran zieten bertakoek mendiaren magala seinalatuz. Uharte ondoko belardian ehun bat gerlari eta hogei bat morroi elkartu ziren. Nekatuta zeuden eta kanpadendak antolatu, aska batzuetan garbitu eta zelaian taldeka afaldu zuten. Suaren inguruan zeuden hizketan, hotzik egin ez arren, kanpalekuaren erdian mugimendua eta dei bat entzun zutenean. Gerlari guztiek etorritako jauntxo baten hitzak entzun zituzten. –Mendialdeko gerlariok, arrats on, nire ondoan dagoena jaun Eneko Santxez Uharteko jauna eta enekotar leinuko burua da. –Denek agurtu zuten diosala eginez eta burua makurtuz–. Ni, Antso, salako maisua naiz eta tresnaren bat falta bazaizue niregana jotzen ahal duzue. Hemen geldituko zarete egun batez mendialdeko eta ekialdeko beste gerlarien zain. Etzi, Gartzia kapitainaren agindupean –erran zuen beste aldean gerlari garai bat seinalatuz–, Iruñea ondotik pasako zarete Ultzama, Bidasoa, Larraun eta Arakil aldeko gerlariekin batera hiru egunetan Naiarara iristeko. Atseden hartu ezazue. Bihar goizean elkartuko zarete hamarrekoak eta ehunekoak osatuz. Orain Jaun Enekok agurtuko zaituzte. Bihar arte –jaun Eneko aurreratu zen eta agurtu ondoren honela adierazi zien: –Baskoniako gerlariok, ongi etorri gure herrira. Antsok erran bezala, bihar antolatuko zarete hamarnako taldetan, armada bat gara eta berdintsu armatuko zarete. Antsok dioenez, zerbait falta bazaizue edo arazoren bat baduzue zuen artean, konponduta utzi behar dugu. Agian armaren bat aldatuko dizuegu itzultzean berriro eskuratuko duzuena. Gartzia kapitainak eta Antsok beren laguntzaileekin konponduko dizkizuete arazoak. Nire gogoz kontra –eten laburra egin zuen–, ez naiz zuekin abiatuko, gure herrien zaintza bermatu behar baitut. Orain gabon guztioi, ongi lo egin eta bihar arte –denek batera erantzun zioten eta gerlari buruak hurbildu zitzaizkion hitz batzuk gurutzatzeko. Arrano, Narru eta Mailu beste erroibartar gazte batzuekin elkartu ziren: Mezkiriz, Lizoain, Biskarret, Auritz eta Ausperriko hogei bat mutilekin, eta beste hainbeste aezkoatarrekin. Gazteen arteko helduenek kontatu zizkieten antolaketa hartako gorabehera batzuk. Talde txikietan Baskoien istorioak eta biziraupen ikasgaiak kontatzen amaitu zuten eguna, orduko Almanzor eta musulmanen armada neurri batean gogora ekarri gabe. Azenari eta Otsoa hurbildu ziren gaztez osatutako talde batera. Gazteak harropuzkeriez beteriko ateraldiak botatzen ari ziren. Arranok, zortzi urteko mutil haiek ikusita, bera eta Narru aurkeztu ondoren, nor ziren galdetu zien. –Ni Azenari naiz, Uharteko jaun Enekoren seme nagusia eta hau Otsoa, Gartzia kapitainaren semea. Guk nahi genuke zuekin gerrara joan, ezinezkoa da, ordea. –Arranori grazia egin zioten bi mutilen jarrera. –Garaia helduko zaizue. Zuek ikasi armekin. Urte gutxitan gu bezala joan beharko duzue. –Prestatzen ari gara. –Narruk mutilen gogoa ikusita isildu zuen berak sentitzen zuen beldurra. –Borroka hau irabaziko dugu. Zuek urte gutxi barru etorriko zarete gurekin eta lagunduko diguzue musulmanen kontra. –Mutilak denbora luzez egon ziren gazteen istorioak entzuten. Hurrengo goizean, taldekatzen, armak eta hornitegiak ikuskatzen eta arazoak konpontzen aritu ziren. Arratsaldean, agertu ziren beste gerlariekin berdin egin zuten. Uztailaren 14an, goizean goiz abiatu ziren. Aurreko egunean ikasi eta banatu zituzten egin beharreko lanak ordu erdi batean dena jasotzeko. Agintariek soberan ziren gauzak baztertu zituzten eta falta zirenak aldatu zizkieten, bereziki armak. Jaun Enekoren atzetik Argaren ondoko bidea jarraitu zuten. Lehenik, Ultzama, Baztan aldeko eta iparraldeko jendea elkartu zen beraiekin. Eneko Santxez Uharteko jauna agertu zenean, oihuka goraipatu zuten Eneko Aritza, bere ondorengoa eta Baskonia. Jaunak Antso Gartzes ximenotarra gogorarazi zien. Arakil, Larraun eta ipar-mendebaldeko gerlariekin batuta, enekotarren menpekoek zortziehun bat oinezko bildu zituzten. Iruñea ondotik pasatzean ekialdetik etorritakoekin bat, armada handia eta antolatua osatzen zuten, mila laurehun bat oinezko gerlari. Bi taldetan antolatu zuten Naiararako martxa, denak batera bideko herriak ez itotzeko. Arrano zebilen taldean enekotarren leinupekoak ziren, Gartzia kapitainaren agindupean. Hurrengo egunean Lizarra ondoan egin zuten gaua. Ibilaldia oso gogorra izan zen Erreniaga mendatea eta Gares herri ondoko mendiak gurutzatu ondoren. Ibilbidea ongi antolatuta zegoen, egunero ibiltari asko pasatzen baitzen Donejakuerako bidea zela-eta, joan-etorrian. Errotik ere batzuk pasatzen ziren, baina Garesetik aurrera ibilbide nagusian ziren. Gares eta Lizarrako jendeak lagundu zien ordainduta behar zituzten gauza eta zerbitzuak emanez. Ebro ibairaino heldu ziren hurrengo egunean. Igandea izaki, hilak 15, meza nagusi ikusgarria antolatu zuten armada ia osorako, han hegoaldeko Erriberako gerlariekin elkartu baitziren. Beste egun batean Naiararaino heldu zirenean egun osoan hartu zuten atseden. Biharamunean, 18an, ibilbide laburra egin zuten. Herramelluri eta Otsanduri ondoan baskoien armada osoa elkartu zen. Orduan, Araba, Ipuzkoa, Bizkai eta Errioxako gerlariekin batera bi mila seiehun bat oinezko eta hirurehun zalduneko armada osatu zuten. Gaztela agindupeko lurrak ziren, baina ez zitzaien oso arrotza egin, bertakoak euskal jatorrikoak baitziren. Hilak 19tik 22ra armadak mugimenduak praktikatu eta armetan ariketa desberdinak egin behar izan zituen. Fortun Santxezek, baskoien gerra-buruak, armadaren ongizatea eta prestutasuna ikuskatu behar zuen. Arrano, Narru eta Mailu gustura zeuden. Beren herriko gizon nagusiekin konpontzen ziren, haiek baino eginkizun gehiago zuten, baina ongi hartu zituzten. Mintxori laguntza eman behar zioten gauzak jasotzean, egurra biltzen eta otorduen prestaketetan. Gartze, nagusi ona zen, atsegina eta arma kontuetan behar bezala gidatu, lagundu eta beharrezko azalpenak ematen zizkiena. Inguruan beste erroibartar, aezkoatar, artzear eta esteribartarrak zeuden. Denden artean kale batzuk utzi zituzten eta garbitasun neurri zorrotzak gordetzeko agindu zieten. Letrinak, erreka behera baina ez ziren urruti. Kanpalekuan biltzeko tokiak, agintari eta zaldunen zonaldeak, dendetatik aparte suak egiteko tokiak eta kanpoko hesiak antolatu zituzten. Modu berean kanpatu behar zuten geldituko ziren leku guztietan. Aurreko egunean, arma desberdinetan beraien trebezia ikuskatu zieten. Beraiek arkulari eta mendi gerlari bezala gelditu ziren. Ez zen harritzeko erroibartarrak ehiztari eta artzain lanetan arituak baitziren. 11 - Ezkarai. Ezkarai herria, Glera edo Oja haranean zegoen. Oja garaiko herriak euskal jendez osaturik zeuden. Haranaren beheko aldean Santurde eta Santurdejo herrietatik iparraldera biztanleek jatorri euskalduna bazuten ere, gehienak erdaldunduak ziren eta bakarrik zaharrenak eta aparte bizi ziren familia batzuk erabiltzen zuten euskara. Dena den, gehienek zerbait ulertzen zuten euskaldun petoekin izandako harremanen arabera. Ebrotik hurbil egonda ere herri batzuetan euskal familia asko bizi ziren Araba eta Bizkaia aldetik aurreko bi mendeetan agertutakoen ondorengoak nonbait. Berdin gertatzen zen Gaztelako Goi-Arlanzon, Oka, Tiron eta Bureba osoan. Errioxar gehienak baskoien lurralde eta mugen barnean bizi ziren. Ekialdeko haranetan, Iruñearen menpeko lurretan, Najerilla, Iregua, Leza eta Zidakos haranetan egoera berdina izaten zen, haranen goialdean euskaldunak bizi ziren eta Ebro aldean, erdaldunduak gehienak. Gaztela haran harekin mugatzen zen, baita Zirueña herriarekin. Baskoiek, hurbil zegoen Naiara zuten azken garaian ia hiriburu nagusia. Handik gidatzen zuten musulmanen kontrako borroka eta Gaztelaren aurreko diplomazia. Herritarrek, bitartean, bizitza arrunta egiten zuten urte garaiari eta bizitzaren beharrei begira. Ezkaraiko biztanleek bazekiten Naiaran baskoien zalduneria bildu zela. Lanak ahalik eta lasterren aurreratzen ari ziren musulmanen etorrera prestatzeko. Azkeneko laboreen uzta biltzen ari ziren gerlariak joango ziren armadarekin batzeko eta besteek mendietara erretiratzeko prest egon behar zuten. Balz, hogeita lau urteko gaztea zen. Herriko ehiztaririk eta arkularirik onenetakoa zen. Etxeko lanetan aritzeaz gain, aspaldian irabazia zuen arrastoak jarraitzeko trebe izatearen fama. Otsoak eta hartzak ehizatzeko bera jartzen zuten agintari. Etxeko seme txikiena izaki, ehizan laguntzen hasi zitzaion osaba bati eta ederki moldatzen zen ordu luzeetan mendian gora eta behera ibiltzeko edo harrigarriena, mugitu gabe ordu eta orduetan egoteko. Sena ikaragarria zuen animalien asmoak igartzeko eta ikusmena ezin hobea. Ez zitzaion animaliak hiltzea gustatzen eta behin baino gehiagotan utzi zuen orein bat eskapatzen. Baina herrian ehizaldi handia antolatzen zutenean bera bidaltzen zuten begirale eta aholkuak eskatzen zizkioten, nahiz eta antolaketa osoaren buru, adineko eta ospe handiko beste bat izan. Gerra garaian gaztea bidaltzen zuten etsaiak zelatatzera eta ederki ezagutzen zituen Errioxa eta Gaztelako mendiak. Herriko gudari-buruak eskatu zion Medinaceli inguruan musulman armada zelatatzeko eta handik nondik agertuko ziren abisua pasa zezan. Balzek Eki lehengusuarekin joateko eskatu zuenean ez zioten baimenik eman, lagunegiak baitziren eginbehar hura ongi betetzeko. Uztaila bukaera hurbil zelarik, oinezko gerlari baskoiak haranaren behetik pasa zirenean bailara hartakoak ere arma deiari erantzunez beraiekin elkartuko ziren. Eki, Ezkaraiko beste gerlariekin Oja jaitsi eta Tiron erreka ondoko Kuzkurrita eta Otsanduri artean kanpatu zuten beste errioxarrekin. Iparraldean Kuzkurritatik hurbil kanpatu zuten Bizkai eta Araba aldekoek, hegoaldeago Tiron errekatik gora, Otsanduri ondoan errioxarrek eta Erramelluri aldera Iruñaldekoek eta ipuzkoarrek. Kanpaleku luzea eta estua zen, errekatik hirurogei bat metrora, paraleloan eta egurrezko hesi batez inguratua. Gau hartan bigarren zaintza tokatu zitzaion Arranori. Gauerdia pasatu eta artean ia ordu pare bat falta zitzaion hirugarren erreleborako. Aspertuta eta nekatuta, etzateko gogoa zuen; ez zuen egin, ordea. Bazekien eginez gero, lotan gelditu eta harrapatuko zutela. Begira zegoen lau metroko enborrezko hesitik. Erreka aldeko aldapa zaintzen ari zen, baina leku txarra zen nekatuta egoteko. Gorputza hesiaren gainean jarri zuen. Hesi hartatik erreka bazterreraino begiztatu zuen. Ezin zen eseri. Jarreraz aldatu eta bestaldera begiratzean ehun bat metrora itzal bat nabaritu zuen hesira hurbiltzen ari zena. Zer egin ez zekiela, ezin zuen azkona edo gezi bat bota. Zaintzaile talde mugikorra ez zen hurbil eta ez zuen larrialdi deia egin nahi, beraien kanpamentuko gazte bihurri bat izanen zelakoan. Baina, badaezpada gelditu behar zuen madarikatua. Hesi barnetik lurrera jaitsi zen eskaileratik eta sarkina agertuko zen aldera joan zen lasterrean. Ez zuen inor sumatu... Bat-batean atzetik harrapatu zuten eta labana nabaritu zuen lepoan. –Nor haiz eta nongoa? Erantzun ezak azkar! –Arrano, Erroko arkularia. Zer arraio nahi... ? –Zu isilik egotea nahi diat. Ez larritu. Zuetako bat naiz-eta –erantzun zuen, labana erretiratuz eta Arranori buelta emateko keinua eginez–. Balz nauk ni. Ezkaraikoa. Zelatari bat nauk eta gure zaintzak egiaztatzeko esan zidatek. –Balz? Zer izen duk hori? –Zuek Baltz edo Beltz deituko zenidakete. Gure herriko hizkeran Balz. Orain, Arrano, buelta hadi hesira eta segi zaintzan. Errioxa garaikoak non dituk? Ba al dakik? –Hor nonbait, bostehun metro beherago topatuko dituk... –Ondo zagok, ikusi arte. Balzek nagusiei emandako berrien arabera musulmanak Medinacelitik hurbil zeuden. Ziur asko lau egunen buruan abiatuko ziren Medinacelitik iparraldera. Baskoiek egun pare bat gehiago eman zuten armada praktikak egiten. Zaintzak eta kanpalekuaren funtzionamendua hobetu ziren. Goizak, armadaren mugimenduak eta praktikak egiten pasatzen zituzten. Otsanduritik hurbil zen kanpamentu luze hartatik atera ondoren iparralde eta mendebaldera jotzen zuten Treviana eta Fonzaetxe aldera. Mendialdeko errioxarrak eta nafarrak taldekatzearen arabera arkuekin tirokatze ariketak egin ondoren, mendixka inguruan mugimenduak, ezkutaketak eta eraso azkarrak praktikatzen zituzten. Ezpata eta ezkutu txikiarekin ere lantzen zuten trebetasuna. Arratsaldeetan armak eta behar zituzten gauzak konpontzen eta erabiltzeko moduan jartzen zituzten. Hiru lagun erroibartarrek, Arranok, Narruk eta Mailuk, ezkaraitarrak ezagutu zituzten. Arratsalde haietan lanak bukatuta elkarrekin pasatzen zituzten atsedenaldiak errekan arrantzan edo inguru haietako ardoa edaten. Hilaren 25ean asteazkenean Mailu izan ezik beste lau gazteak bidali zituzten armada aurretik ibili beharreko lekuak aldez aurretik jorratzeko eta miatzeko. Buruzagi batzuek esploratzeko talde aproposa osatzen ahal zutela pentsatu zuten. Mailu ez zuten onartu, bera gazte handikote, astun eta lasterketarako motela zelako. Lagunarengatik penatuta egonda ere, gustura elkartu ziren Arrano eta Narru; Balz eta Eki. 12 - Peñacervera. Lagunek, arinki armatu eta zamaturik, lau zaldi arinetan ibili behar izan zuten aurrera eta aldeetara armadaren bidean leku guztiak miatzen, kanpaleku ona eta janaria non aurki zitekeen egiaztatzeko. Balz zen haien buru, askotan egina baitzuen lan hura. Lehen egunean, ordea, ez zuten mendietan edo inoren erasoren beldur ibili behar eta zuzenean Burgos ondoan kanpatzeko leku aproposa seinalatu behar zieten beren armadako kideei. Tiron errekatik gora, bide ona jarraitu zuten Belorado eta Oka herrietaraino. Armadari sei ordu kostatuko zitzaiona beraiek bi ordu eskasetan egin zuten, tarteka trosta lasaian eta tarteka pausoan ibiliz. Bidea binaka egin zuten. Aurretik Balz eta Eki ibiltzen ziren eta atzetik Arrano eta Narru. Erroko mutilek ezagutzen zituzten zaldi mota haiek, ordura arte esploratzaile lanik eginak ez bazituzten ere. Arrano ere gustura ibili zen bere zaldiaren gainean. Ximista, izen hori jarri baitzion berak, gaztea, arina, indartsu eta gogorra zen beste hiru zaldiak bezalaxe, mendiko zaldien eta lautadetakoen odol nahasikoa nonbait. Momentu batean, pausoka ibiltzen ari zirenean zaldiez mintzatu ziren lagunak. –Argi zagok gustura habilela hi ere zaldi horrekin, Arrano. –Bai, hagitz gustura. Ximistak kasu egiten zidak, baina zoragarriena duk zein agudo joaten den trosta azkarrean –Ekik hura entzun zuelarik, atzera bueltatu eta zaldiez zerbait azaldu nahi zien. –Arrazoi duzue. Naiarako jaunaren aginduz aspaldian hazten eta hezten ari dituk zaldi hauek. Gure mendiko behorrak zaldi arabiarreekin nahasi ditiztek. Leku malkartsu eta zailetan ibiltzeko, betikoak bezain onak izateaz gainera lautadetan abiada onean ibiltzen dituk. Erresistenteak badituk. –Zelatatzeko eta miaketarako zaldirik onenak dituk. Orain mutilok goazen Okara lehenbailehen iristeko –gaineratu zuen Balzek, bere zaldia trosta azkarrera animatuz. Okara heldu zirelarik, ur-aska batean hautsa kendu, aurpegia eta eskuak garbitu eta zaldiei edaten eman zieten. Arkume usain goxo batek erakarrita, ostatu batean sartu ziren. Zaldiak ostatu ondoko estalkian lotu ondoren, mutil bat bidali zuten gaztelura tenenteari elkarrizketa eskatzera. Herria aspaldiko defentsa-lekua zen. Gaztelu gotor haren azpian harresiz inguratutako etxe multzo zahar bat zegoen, Oka mendien ipar-ekialdean eta izen bereko harana babestuz. Bidaiari gutxi batzuk ikusi zituzten eta bertakoak euskaldunak ziren. Tenentearen erantzunaren zain ostatuko leiho bakarraren ondoko mahaian eseri zirenean, ostalariak entsalada fresko pixka bat eta arkume errea eskaini zien ardo beltz eta ogi goxoa lagun. Ur freskoa ere eskatu zuten. Bazkari goiztiarra ekarri bitartean, Arranok eta Narruk lur haietaz galdetu zioten Balzi. Honek ardo pixka bat edan eta gustura erantzun zien. –Konturatu nauk harritu zaretela hemen euskaldunak aurkitzeagatik. Haran hau eta mendialde guzti hauetakoak, Errioxako mendialdekoak bezala, euskaldunez populatuta dago. Hurrengo haran eta inguruko biztanleria ere, Burgos ondokoa izanda ere, Baskoniako jendea bezalakoa duk. Gaztela menpeko lurrak izan arren, baskoiak dituk. Hemendik iparraldera Oka errekatik behera gehiago entzuten duk erromantzea. Bureba, Oja, Tiron eta Najerilla beheko herrietan, Ebro aldean, bakarrik gehien-gehienak baskoiak direnean mantentzen dituk aspaldiko ohiturak. Guk ere erromantzez egiten bazekiagu. Baina gu mendi aldekoak gaituk, herri txiki eta apartatuetan bizi garenak. Hor hegoaldean dauden mendiak Arandio mendiak dituk, gure herri ondotik, Ezkaraitik hona heltzen direnak. Mendizerrari Demanda deitzen ziotek Gaztelakoek, ez zekiat zergatik. –Narruk, ordea, bestelako jakin-mina zuen eta galdetu zion musulmanei buruz. Arranok ere bazuen etsaiei buruz jakiteko gogoa eta arretaz entzun zion. –Benetan musulmanak direnak Al-andalusetik, Penintsulako hegoaldetik zetozek, Valentia, Tulaitula, Badajoz, Korduba eta Isbila lurretatik. Arabiarrak gutxi dituk. Han hispanoak dituk gehienak, musulman edo batzuk kristau mozarabeak. Berbere eta judutar batzuk ere bizi dituk. Mugetatik hurbil, berriz, mozarabeak topatuko dituzue, musulmanek bakarrik gazteluak dizkiate mugak zaintzeko. Oska, Tutera, Kalagorria eta Soria dituk al-Andalusek Baskoniarekin mugatuz dituen hiri eta gotorleku hurbilenak eta Medinaceli eta Toledo, Gaztelarekin dituen gotorlekuak. Baina lur horietan dauden gehienak mozarabeak dituk eta Arandio hegoaldeko mendialdearen magalean, gure aldean bezala, euskaldunak zeudek –momentu hartan entsalada eta arkume erreko azpila jarri zieten mahai erdian. Haiek labana atera zuten eta ogiaren gainean jarri zituzten haragi puskak. Solasa bukatu zen. Gogoz eta gustura jan zuten ardoarekin lagunduta. Bukatzen ari zirela tenentearen mezua eman zieten. Nahi zutenean joaten ahal ziren. Bazkaria ordaindu eta gazteluan sartu ziren. Dorrearen ondoan jaunari kontatu zioten baskoien armada arratsean agertuko zela eta prest izateko herria. Mandatua egin ondoren Okako mendietan sartu ziren. Portuan ari zirela geldialdi bat egin zuten. Balzek erakutsi zien nola bilatu behar zituzten etsaien begiraleak. Ez zen benetako bilaketa, baina besteek ikasi behar zuten egiten. Denak ehiztari onak ziren eta ez zitzaien kostatu ehiza mota berrira ulertzea. Ez zituzten bilatzen talde handiak ezkutatzeko lekuak, begirale bakanak ezkutatzekoak baizik. Harraparien ehiza bezalakoa zen, ehiztariak ehizatzea. Zoruan ezer nabaritzen ez zenean, leku harritsuetan behintzat, landare eta zuhaixketan aztarna mimiñoak bilatu behar zituzten. Balzek azken eguneko harraparien arrastoak bilatzeko erran zien besteei. Laurak lau haizetara banatu ziren mendi-bortutik bostehun metro inguruan. Handik ordu erdira itzuli osoa eginda, bueltatu ziren beraien aurkikuntzak seinalatzera. Otso baten aztarnak aurkitu zituzten. Eki berehala hasi zen aurkikuntza aldarrikatzen. –Otso baten arrastoa ikusi diat muino horretan. Ez duk taldean ibili eta ez dik ehizarik lortu –Balzek baietz egin zuen eta besteei zer aurkitu zuten galdetu zien–. Hik, Narru, ezer gehiago nabaritu al duk? Eta hik Arrano? –Narruk ezetz egin zuen eta bazirudien Arranok ez zuela ezer esango. Bat-batean ia haserre bota zuen: –Hau leku txarra duk ehizarako. Otsoa hor gainean ibili zuan gauerdian, animalien begi-bistan, uluka edo beste otsoen bila, ziur asko. Mendate hau ez duk aproposa ehiza zelatatzeko. Basoaren hasieran bidexka txar bat zagok. Animalia handi batzuk, ahuntza eta orein batzuk pasa dituk goizaldean hortik iparraldeko errekara joateko. Atzetik hartz gazte bat joan zaiek eta otso zahar bat, agian lehen aipatu duguna haren atzetik, harrapakina aprobetxatzeko asmoz. Azeria eta erbinude bikote bat ibili dituk goizean han-hemenka animalia txikien zuloetan bilatzen. Erbinudeek harkaitz horien atzean untxi bat harrapatu diate... Uste diat. Baina, hontza batek kendu ziek edo saiatu duk kentzen, erdizka janda zutenean. Dena den, hau ez duk leku ona animalia handiak behatzeko, han iparraldeko muinoan haritz txiki eta arte zuhaitz haien artean, ordea, baietz uste diat. Bestela, gaur bidaiari batzuk pasa dituk, batzuek mandoak eta gurdi bat zitiztean eta beste batzuek zaldiak. Bi edo hiru gizon egon zituan atzo edo herenegun zenbait ordutan bidearen ezker aldean hegoaldeko basoan bidea zelatatzen. Uste diat lapurrak zirela baina ez ziaten ezer egin. –Balzek ez zuen horrenbeste zehaztasun. –Harrigarria! Arranok arrazoi dik. Hau ez duk leku ona ehiza handia egiteko. Baina inportanteena duk, ez dela gelditu lehen harrapariaren arrastoa aurkitu duenean. Posibilitate guztiak aztertu behar dituk beti. Ederto asmatu duk Arrano. Mutilok ikas ezazue dena ongi miatzen berak egin duen bezala. Hortaz aparte... Burgosetik hegoaldean hasiko gaituk inguruak miatzen eta badaezpada esan behar diat taldea bitan banatu behar izanez gero, hi Arrano, Narrurekin ibiliko haizela eta egunero goizetik leku bat aipatuko diagu, banatuz gero arratsean elkartzeko. Basoetan zehar Oka mendiak gurutzatu zituztenean, Arteaga deitutako inguruan Juarros eskualdean sartu ziren. Bertako erreka nagusia Arlanzon zen. Bidetik erromes batzuk aurreratu zituzten. Zalduendo eta Ibaias izeneko herriak pasatuta, jarraitu egin zuten kanpalekua aurkitu arte. Herri haietan euskaldun jendea bizi zen eta onartuak izanen ziren baskoiak handik pasatzean. Armadakoek Medel edo Villavascones izeneko herriaren ondoan egingo zuten geldialdia. Hurrengo egunean, 26an, Burgosetik pasa gabe, Gaztelako armadari aurrea hartuz hegoaldera joko zuten. Medelen bertako jauntxo batekin elkartu ziren eta haren gidaritzapean Baskoien kanpalekurako tokia ikuskatu zuten. Han zirenean, Burgosetik etorritako baskoi eta gaztelau handiki batzuekin topo egin zuten Naiarako jaun Fortunen bi kapitainekin: Bela Oriolez eta Joaniz deitutakoa. Gaztelako kondearen menpeko jauntxo haiekin zeuden armaden elkarlana gauzatzeko. Hurrengo eguneko gauean Baskoniako armada iritsiko zen eta Gaztela eta Leongo armadekin batu ondoren, hegoaldera jarraituko zuten; hala ere, laukoteak Arlantza bidetik ikuskatu behar zituen borrokarako toki aproposak eta inguruko jauntxoekin harremanak izateko agiria eman zioten Balzi. Arratsalde hartan bertan urrutiratu ziren hego-ekialdera. Presaka ibili ziren gautu baino lehen Ausinesera heltzeko. Ordu batean lau legoa baino gehiago egin behar zituzten. Egun osoko nekeak ahaztu eta bideari ekin zioten berriro. Zaldiek ez zuten arazorik izan jarraitzeko. Lau lagunek gelditu gabe jarraitu zuten Ausineseraino. Hango jaunaren gazteluan aurkeztu ziren eta lekua egin zieten gerlarien artean afaldu eta lo egiteko. Animalien zaintza segurtatu ondoren, askan garbitu eta dorrearen saloian sartu ziren. Txoko batean mahai baxu bat eta hormaren kontra banku batzuk zeuden. Han ziren dorreko gerlariak, zortzi bat. Haien artean eltze handi batzuetatik estofatua ahoratu ahal izan zuten koilarak erabiliz. Gosetuta zeudenez gogoz jan zituzten aurreko neguan kontserbaturiko zerriki puska txikiak eta barazkiak, ura eta ogi dexenterekin lagunduta. Bete zirenean, dorreko gizonek ziurtatu zietenez hegoaldeko jauntxo guztiek oharturik zeuden musulmanen hurbiltasunaz eta begiraleak jarriak zituzten, kanpoko gerlari eta ikuskatzailerik trebeenak ere ez pasatzeko. Jaunak deitu zien bakarka hitz egiteko. Berehala beraien aferaz aritu zitzaien: –Bihar, Larako tenente jauna ezagutuko duzue. Gure jaun kondearen familiakoa da eta bere konfiantzazkoa. Ez apuratu, zuen lana ez da bat ere arriskutsua izango. Zuek, Lara, Arlantza eta Silosko kapitainen aginduak betez gero, erraztuko duzue zuen betebeharra. Emaiozue Larakoari armaden berri, berak esango die gero gure agintariei orduko zein diren musulmanen mugimenduak. Orain morroi honek eramango zaituzte ukuilu ondoko belartegira lo egin dezazuen. Goizean berak abisatu eta zaldiak prest utziko dizkizue. Bi gudarik lagunduko dizuete. Lan ona egin. Horrela, besterik gabe, bertako gerlariekin lasai hitz egiteko aukerarik eman gabe eraman zituzten lotarako. Ez zekiten zergatik zuten halako mesfidantza edo kezka. Balzek ez zuen inoren laguntza behar lur haiek zeharkatzeko. Beraiek ez ziren gaztelarrak izango, baina ez ziren etsaiak. 26an, goizean goiz abiatu ziren Lara haranean barna. Bi gidarien laguntzaz herriak pasatu zituzten gelditu gabe eta Larako gazteluan izan ziren eguerdirako. Han, gaztelu inguruan gerlari gehiago ikusi zuten eta mugimendu asko. Larako jaunak hartu zituen behin garbitu eta sukaldean zerbait bazkaldu ondoren. Jaun Gonzalok kontatu zien nola zegoen egoera, lehor tratatu ere, arrotzei egiten zaien bezala. –Jakin behar duzue Almanzor bihar helduko dela Cluniara eta beraz hiru bat egun ditugula borroka izan baino lehen. Gure armadak gaur atera dira Burgos ingurutik eta bi egunetan Lerma pasatuko dute. Guretzako borroka-leku ona bilatu eta aurkitu behar duzue zuek. Badakizue zer leku mota bilatzen dugun. Hori da zuen lana. Nire gerlarien laguntzaz eginen dituzue mugimendu guztiak. Behin borroka-toki aproposa aurkituta, zuen eginkizuna beterik izanen duzue eta zuen armadarekin elkartuko zarete. Orain zoazte Arlantza eta Silosera. Han Ferdinandoren aginduak beteko dituzue. Delmo Tellez zuekin ibiliko da hemendik aurrera. Beste zaldiak bezala, Ximista, deskantsatuta, prest zegoen bideari ekiteko. Arranok azenario bat eman zion eta buruan gora eta behera laztandu zuen. Zakutoa beteta atera ziren dorretxe aurreko zelaira. Delmo hogei bat urteko gazte alaia zen. Irria ezpainetan zuela igo zen zaldira, hegoaldeko bidera atera eta berari jarraitzeko keinua egin zien. Bazirudien zerbait interesgarria erakutsi nahi ziela. Gazteak trosta bizian joan ziren atzetik. Legoa batzuk egin zituzten jarraian. Arlantza erreka ondotik ari ziren pasatzen San Pedro monasterioaren sarreran. Atseden hartu zutenean, zaldiei ura ematera joan zirenean, Delmok euskara trakets batean ulertzen ziela ohartarazi zien. Bera ingurukoa zen, Ura herrikoa. Orduan erdaldundutako ingurua bazen ere, bera aitonarekin urte luzez ibilitakoa zen. Politak ziren puntu erdiko leiho haiek eta pintura biziez margotutako kapitelak, laborantza eta Liburu Santuko pasajeak. Zoritxarrez jarraitu behar zuten. Covarrubiasen agertuta, tenenteak jarraitzeko esan zien eta beste bi zaldunek ireki zieten bidea. Delmo bere familia agurtu gabe pasa zen Ura herritik. Arratsaldea zen eta beste ordu batean Silosera heldu ziren. Bide luzea eta neketsua egina zuten Ausinesetik Silosera. Jaun Ferdinandoren aginduz leku on bat utzi zieten lotarako. Garbiketa eta afari-merendua egin ondoren, tenentearen aurrera eraman zituzten. Honek ongi etorri atsegina egin zien. Baieztatu zien hurrengo egunean Almanzor eta musulmanak Clunian izanen zirela. Goizean, hiru esploratzaileen laguntzaz leku bat bilatu behar zuten. Kristau armada txikia zen eta musulmanek gutxienez armada bikoitza zuten. Hori zela eta, inguratuak ez izateko, bizkarrak eta aldeak mendiek zainduta, justu mila pausuko zabalerako bailara aurkitu behar zuten, aldapan behera erasotzeko modukoa eta musulman guztiak parte hartzeko zailduko zuena. Zalduneria astunarekin desegin eta izutu behar zituzten musulman saldoak eta gero oinezko eta arkulariekin ihesari eman ez zirenak txikituko zituzten. Garrantzitsua zen berbereen zalduneria arinarentzat leku zabala ez izatea. Aldeetan bereziki oztopoz beteriko lekua behar zuten. Ia aukeratuta zuten lekua. Cervera mendien hegoaldean aurreikusten zuten izan zitekeela. Halere, bailararik edo mendiarte aproposena aukeratu behar zuten. Mutilek lan erraza aurreikusi zuten. Hala ere, Balzek kezka bat adierazi zuen. –Mila esker jauna gure lana errazteagatik, baina miatze taldeak bidaltzen badituzte harrapatu ahal gaituzte. Zaintzako taldeak behar ditugu. –Lasai gazte. Begirale batzuk bidali ditugu musulmanak kontrolatzeko. Nik neuk, gerlari batzuekin zainduko zaituztet eta baita lagundu ere borroka-toki aproposa bilatzen. Zuek informazioa pasatzea duzue eginkizun nagusi. Horrela, lasaiago, gazteak lotara joan ziren hurrengo egunean goizean goiz jaikitzeko. Hilak 27an argitu orduko, Siloseko gelariak aurretik joanda, Cervera mendiak zeharkatu eta hegoaldeko lurrak ikuskatu zituzten mendatearen ondoko gailur batetik. Tenenteak zaingoa bidali zuen aurretik eta Delmok inguruko ehiztari batekin bikotea osatuta, banatu zuten jorratzeko eremua. Goiza miatzen pasa ondoren lekurik aproposena hantxe bertan aurkitu zuten Cervera mendatearen magalean. Azkenean Espinosa herriaren mendiartean aukeratu zuten, txarrenean mendi-bidetik Silos, Arlantza eta Lara bidean ihesbidea zutelako. Ferdinando tenentea ere ados zegoen. Hantxe egin zuten lagun berriek eguerdiko otordua. Delmo han geratuko zen, tenentea eta gaztelauekin, baskoiak agurtzen. Lau lagunak Ferdinandoren mandatari batekin, Lerma bidera abiatu ziren, armada topatu arte. Peñacerveratik lau legoara zeuden. Armaden aurrealdean hiru taldeen agintariengana eraman zituzten esploratzaileek. Garcia Gomez, Leongo kondea, Sancho Garcia, Gaztelakoa eta Fortun Santxez, Naiarako tenentea eta baskoen gudalburua, elkarrekin gudarien aitzinean ibiltzen ziren guardien zaintzapean. Garcia Gomez, mozkotea eta zabala zen, indartsua eta oso serioa. Altua eta indartsua zen Sancho Garciak modu atseginak eta dotoreak erakusten zituen. Bera zen armada osoaren buruzagia. Oso argia zen eta bere herriarentzat askatasuna lortu nahi zuen. Fortun Santxez zaharra zen, ia hirurogei urte zituen eta baskoien alfereza izan zen azken hogei urteetan. Balzek informea eman zien, Ferdinando tenentearen mandatariak baieztatu zuena. Orduan Balzek, jaun Ferdinandok idatzitako pergamino lakratu txiki bat eman zion Gaztelako kondeari. Honek irakurri zuenean Fortun Santxezi eta Garcia Gomezi baiezko keinua egin zien eta esploratzaileei eskerrak emanez, baimena eman zien taldekideekin elkartzeko. 28an, larunbatean, berandu heldu zen armada kristaua Peñacerverara. Han, mendiaren kontra hiru kanpamentu montatu zituzten, Leongoa, Gaztelakoa eta Baskoniakoa jarraian kanpatuz eta borrokarako tokiak aurreikusiz. Atzetik, Cervera mendikatea eta portutik Arlantzara erretiratzeko bidea zegoen; galduz gero, ihesa babesteko toki aproposa. Gaztelako kondearen kanpadenda handia malda erdian zen, borroka-tokia begiztatzeko eta agintzeko lekurik aproposena baitzen. 29an, biharamunean, musulmanak ere beraien aurrean kanpatu ziren hurbil. Borroka, hurrengo goizean eginen zuten. Igandea izaki, meza nagusia ospatu zuten agintarien denda aurreko kanpan. Borroka 1000. urteko uztailaren 30ean gertatuko zen. Peñazerverako bileran mendebaldetik ekialdera Leon, Gaztela eta Baskoniako armadek osotara 8.600 oinezko eta 1100 zaldun elkartu zituzten. Kanpalekuetan beste 3000 morroi eta zaldi-zain mugitzen ziren, lekua zaintzeko. Kanpalekuaren mendialdean, beste zaldiak zituzten eta hurbil, baina bortuaren aldera, idiak eta mandoak garraioak eramateko prest izanen zituztenak eta ehunka zekor, ardi eta zerri zituzten bilduta, Silos bidean. Gurdi aunitz zituzten, janari eta fardelak eramateko. Bestalde, Almanzorrek, mertzenario berbereak jarri zituen ezker aldean; erdialde zabalago batean 7000 boluntario yihadista eta 500 zaldun; eta eskuin aldean, ekialdean, Kordobako kora edo probintzietako soldaduak. Osotara, 18.400 bat gerlari bildu zituzten, baina haiekin beste 10.000 pertsona eta kontaezineko animalia, gurdi, jangai eta fardeleria. 13 - Peñacervera ondoren. Abuztuaren hasiera zen, egun iluna ordura arte. Nekazariak aspaldi ari ziren lanean. Zaldunak aurreko egunean helmuga gertu zuenez, ez zen Iruñean ezertarako gelditu. Hirira iristeko legoa bat falta zenean, bide ondoko ostatu batean pasa zuen gaua. Goizean bazekien ordu batean Uharten egongo zela eta lasaitasunez begiratzen zien igartzen zituen forma eta leku ezagunei, mendi tontor hura, herrixka, bideko errebuelta, soro, belardi eta zuhaiztiak oro. Gelditu egin zuen zaldiaren martxa. Nekatuta zegoen animalia hainbeste egunetan geratu gabe ibili ondoren. Aurrera egin beharrean eskuineko bidea erreka aldera. Zalditik irristatu eta animalia edaten utzita, batzuk erreka ondoko sasien atzetik zain zituela nabaritu zuen. Gerlari senak aurrean zituenak etsaiak zirela erraten zion. Etxearen ondoan hori gertatzea espero ez bazuen ere, kontu handiz ezpata ateratzen hasi zen. Disimuluz zaldi gainera zihoalarik, ezustean, ahots batek oihukatu zion atzetik. –Geldi hor. Nor haiz hi eta zer egiten duk hemendik? –Aginduak ume batenak zirela konturatu zen, baita hiru gezik apuntatzen zutela ere. Ezpata lurrean utzita, atzeko ahotsari kasu eginez poliki bueltatu zen. –Eta hi, nor haiz hi hori galdetzeko? –Hemengo jaunaren semea eta hire hiltzailea erantzuten ez baduk! –Lur hauetan ez al zegok gizonik? –Erantzun galdetutakoa; bestela, akabo hire bizia. –Mandataria nauk. Mezu bat dakarkiot Uharteko jaunari. –Gezurtia, hemen ez duk gizon armaturik sartzen gure zaingoko laguntzarik gabe. –Hori egia duk. Baina ni ezagutzen nauzue. Ez al duk horrela Azenari? –Neure izena duk bai. Nor haiz hi, ordea? –Hire osaba Fortun –Fortun Santxez zen, Uharteko jaunaren anaia eta Faltzeseko tenentea, bere iloba, familia eta jaioterria aspaldian ikusten ez zituena. –Osaba!! –oihu ikaragarria botaz, gainera zortzi urteko mutila joan zitzaion besoak zabalik. –Zoazte etxera mutilok, ni osabarekin nihoak. –Osaba-ilobak zaldian igota, herrira eta dorretxera zuzendu ziren. Handik zaldun pare bat zetorren. Azenarik laguna zela erranda, herrian sartu ziren eta gero dorretxean. Etxeko jauna ez zegoen ez etxean ezta herrian ere, mendialdeko bailaretan baizik. Atarian osaba Antso zegoen, salako maestrea eta administratzailea zena. Jaun Fortunentzat koinataren anaia zena, nahiz eta denek osaba deitu, besarkatu eta haren anaiaren berri eman zion. Salako maisuak zaldia zaltokira eramateko aginduta, etxe atarira hurbildu ziren. Eserleku papera egiten zuen enbor handira hurbildu ziren. Jaun Antsoren galdera isilari ezezko etsitua itzuli zion. Arropa kendu eta garbiketak egiten zituen artean derrigorrezko informazioa eman zien koinatu-ilobari: –Ia garaitzea lortu genuenean Almanzorren mugimendu ulergaitz batzuk izan ziren eta ihesari eman zioten hainbat handikik. Ziztu bizian beraien menpeko soldaduek iparraldera jo zuten nagusien atzetik. Horrek frontea desegin zuen. Eskerrak moroak akituta zeudela eta ez zutela eraso, beste guztiok erremediorik gabe erretiratu ginenean. Armada deseginda zegoen eta guztiak nor bere aldetik etxera bidean ziren, kanpamentua abandonatuta. Ordutik, orain dela bost egun, gelditu gabe ibili naiz. Aurrea hartu diet gure gerlariei. Gutxi dira hil direnak eta zaurituak nekez agertuko dira hurrengo egunetan. Ni lehenbailehen defentsak prestatzeko abisua ematera etorri naiz. Nire gerlariak Faltzesera eta hegoaldera bidali ditut abisuak ematera... –Eta Semenori, zure anaiari zerbait gertatu al zaio? –Ez, nik dakidala. Ikusi nuen Burgosera ihes egiten. Bailara hauetako gerlariak ere, Gartzia kapitainaren agindupean ikusi nituen erretiratzea babesten. Kapitain ona da Gartzia. –Bai, badakit. Goazen hamaiketako on bat hartzera, leher eginda egonen zara-eta. Antton, zoaz jaun Eneko abisatzera. Laguntzailea lasterka atera zen, zaldi bat hartu eta bere jaunari azken berriak ematera. Guztiak eguerdiko otordua egiten hasi zirenean azalpenak ematen jarraitu zuen Uharteko Fortun Santxezek, Faltzesko tenentea. –Gure agintarien artean ia guztiak osorik erretiratu dira. Baskoiok ongi egin dugu borroka. Gure alferezak, Fortun Santxez Naiarako jauna, gerlari gehienak eraman ditu Naiarara, mugetatik hurbil. Leongo gerlariak okerrago geratu dira eta on Sancho Garcia Gaztelako kondea Burgosen babestu da berrien zain. Duela bost egun gertatu zen borroka eta orduko berriak ditut. Musulmanak ez zeuden oso ongi eta egunak pasatuko dira mugitzeko. Gure akatsa izuagatik ihes egin eta armada banatu izana da. Kondeak ziur asko kontrolatuko ditu musulmanak, bai baitaki ez direla oso seguru sentituko. Guk ere aurrez ezin badugu ere, jarraitu, eraso azkarrak egin, herritarrak bidetik erretiratu eta gazteluetan babestuta, lortu egingo dugu ekaitza gainditzea. –Jaun Fortunek bidaiaren gorabeherak kontatu zizkion osabari eta etxekoei. Arratsean jaun Eneko heldu zen Antton eta bi zaldunekin. Laster batean bere anaiarekin elkartu eta premiazko informazioa jaso zuen. Jaun Fortunek ez zekien Uhartearren artean zenbat hildako izan zen; bai ordea itxura zenez zauritu batzuk kenduta gehienak onik bazeudela. Kapitainaren mezua denak ongi samar zeudelakoa zen. Afaldu ondoren bakarrik geratu zirenean, lasaiago, xehetasunak eskatu zizkion Uharteko jaunak anaiari. Normalean, gazteagoak zirenean, konfiantza solasaldietan hika egiten bazuten ere, urteak pasata, biak tenenteak eta jaunak izaki, zuka aritu ziren, elkarrekiko errespetuaren seinale: –Fortun Santxez Naiarakoak agindu zuzenik eta zehatzik eman al zizun guretzat? –Jaun Enekok bazekien ordukotz orokorrean tenenteek ez zutela Almanzorren gudaroste osoaren kontra jo behar, defendatu baizik eta herritarrak borroketatik urrun eraman behar zituztela; berarentzat bestelako agindu edo gomendioa espero zuen, edonola ere. –Arrazoi duzu gu biontzako agindu zehatzak eman ditu. Defentsan egoteaz gainera, zaingo sistema bat mantendu behar dugu, zuk Iruñerrian eta nik Aragoi ibaiko mugan Faltzes inguruan. Berak dituen soldaduekin, ikusiko du Naiaratik kontra edo erasorik egiten ahal duen eta guk berdintsu egin behar dugu. Etsaiak zaintzapean izanen ditugu eta gerlari talde bat izan behar dugu prest kontraerasorako. Ehunka zaldun behar ditugu gutako bakoitzak horretarako. Ongi informatuta izanen gaitu eta berdin egin behar dugu guk. –Ongi da. Ulertzen ez dudana da zergatik ez zen armada osoa berriro elkartu Almanzorren aurka? Ez al duzu erran ia ez genuela hildakorik izan, Almanzorrek gerlari asko galdu zituela eta ia garaile atera zinetela? –Bai. Baina uste dut gertatutakoak polikiago azaldu behar dizkizudala. Almanzor Cluniatik zetorren iparrerantz. Guk egun batzuk lehenagotik bagenekien Gaztelara zihoala eta horregatik Sancho Garciaren hiriburutik, Cervera deituriko mendilerroko hegoaldean, guretzako leku on batean, haren zain geratu ginen. Musulmanek gertu kanpatu zuten eta uztailaren 30ean, astelehen goizean, parez pare jarri ziren bi armadak: Musulmanak gehiago ziren, erdian boluntario yihadistak zeuden eta bi aldeetan zaldun andaluziar armada profesionala eta bereber mertzenarioen elitea. Mendiek estuarazi zituen gerlariak. Gure armada ere hirutan zegoen banatuta eta gutxiago izanda, hobeki geunden mugitzeko. Nafarrok zalduneria astunarekin Koretako andaluziarren kontra jo genuen aldapan behera eta ez genien beren indar guztiez mugitzen uzten. Behin eta berriz lantzadun eta arkulariekin eraso ondoren, garaituta zeuden eta haiek preso hartzen hasi ginen. Bestetik, gaztelarrek musulmanen erdialdean boluntario musulmanei sarraski ikaragarria egin zieten. Garaipena lortzen ari ginen. Gure eta gaztelarren erasoek musulmanen zentro eta eskuinaldeak desegin zituzten. Leondarrek, aldiz, berbereen kontra jo ondoren, Almanzorrek errefortzuak bidali zituen bere bi semeen agindupean. Abd al-Malik-ek eta Abd al-Raman Sanchuelok, leondarren buruzagia zen Garcia Gomez kondea eta bere zaldun batzuk akabatu zituzten. Gelditu ziren kapitainek erretiratzeko agindu zieten beren soldaduei. Leondarrak ihesari emateko prest ziren –Fortunek pixka batean gelditu zen zurrut txiki bat egiteko, ahoa lehor. –Orduantxe Almanzorrek beste tropa batzuk mugitu zituen eta gaztelarren erretiratzea lortu zuen. Guk geroago jakin genuen ez zirela gerlariak; kanpamentua lekuz aldatzen eta Almanzorren babesak antolatzen ari ziren guardiak eta morroiak baizik. Baina gure armada, orduko, barreiatuta zegoen eta bereziki leondarrak beren lurraldera ihesean ziren. Gaztelako Sancho Garciak ongi antolatu zuen Burgoserako erretiratzea, animaliak eta gurdiak eramanez. Guri eskatu zigun gure mugetara joateko eta zain egoteko. Momentu hartan ezinezkoa zen Almanzorri aurre egitea, gu lehen baino askoz gutxiago ginen musulmanen armada ia osoaren kontra. Lortu ez dugun garaipenaren ondoren, milaka esklabo musulman egin izan bagenitu eta gainontzekoek ikaraturik hanka egin izan balute, atzetik zirikatuko genituen, baina haien hildako eta zaurituak kenduta, artean 12.000 bat gerlari zituzten borrokan jarraitzeko eta leondarrak alde eginda, zaurituak kenduta gu ez ginen 5.000 baino gehiago. Horrelako informazioak izan genituen Sancho kondearen dendan. Kondeak erresistentziara deitu zigun. Nik neuk entzun nion eta ordukotz gure alferezek, Naiarako Fortun, entzun dituzun aginduak eman ondoren, hona bidali ninduen. Zure kapitaina eta gerlariak, momentuz, haren agindupean gelditu ziren. Gizon gutxirekin antolatu beharko duzu defentsa. –Eta uste al duzu Almanzor erretiratuko dela? –Ez, inola ez. Nire ustez Burgos ingurua eta Ebro lautadako erribera osoan sarraskiak antolatuko ditu, baina inon lurra nagusitu gabe. Baliteke gainera Iruñerrian sartzea. Hala ere, hildako eta zauritu asko izan zituen. Bere tropek ez dute oso moral altua eta nagusia dela erakutsita, hilabete batean erretiratuko da, min pixka bat egin ondoren. Zuk nola antolatuko duzu bailara hauetako defentsa? –Agindu diguten bezala, behin musulmanak inguruan daudela jakin ondoren, dorre batzuetan erresistentzia antolatuko dugu, herritarrak eta ondasunak bailara babestuetara bidaliko ditugu eta zalduneria arineko armada txiki batekin oztopatuko ditugu, min gehiegirik egin ez dezaten. Gure bailaretan oraindik gerlari asko ditugu, gehienak zahar samarrak edo gazteegiak, baina gotorlekuak babestuta uzteko adina, bai. –Horrela antolatu ziren baskoien defentsak. Abuztuaren erdian Kordobako armada agertu zen Errioxan, Gaztela arpilatu ondoren. Herri batzuk suntsitu zituzten, baina ez zuten inongo gotorlekurik inguratu. Hilaren 28an Iruñerrian agertu eta hiriburuaren aurrean kanpatu egin zuten. Azenari zalapartarekin esnatu zenean gau beltza zen. Hasieran ez zekien non zegoen ere, baina ahotsak ezagutu ahala jabetzen hasi zen. Mutila salto batean altxatu, soinekoa jantzi, atorra handi samar bat gerrikoarekin estutu eta eskaileretatik behera jaitsi zen. Ezezagun bat oihukatzen hasi zen, mairuak Iruñeko atarietan zeudela erranez. Gizona aztoratuta zebilen aurrera eta atzera. Eskuak gora eta behera azkar eta asko mugitzen zituen, Iruñerrian zabaltzen ari zirela adierazi nahian. Jaun Eneko ezkutariaren laguntzaz ezpata eta koraza jantzita, aginduak ematen ari zen, sukaldean gosari azkar bat prestatzeko, arma gizonak elkartzeko eta begirale pare bat bilatzeko aginduz. Eskerrak aurreko egunetatik musulmanen berri zuten! Denbora gutxian zaldun taldeak inguruak zaintzera abiatu ziren eta jendea iparraldeko bideetara mugitzeko prest zegoenean, jaunak Azenariri deitu eta beraien behor taldea goiko larreetara lagunekin eta morroi baten laguntzaz eramateko eskatu zion. Beste animalia eta abere asko aspaldi gorde zituzten mendi aldeko lurraldeetan, zerriak, behiak, ardiak eta ahuntzak kasu. Etxeko untxi eta oiloak ezkutatu zituzten aurreko egunetan, baina jaun Enekoren hazkuntzarako behor eta moxal, zaldiko eta ar batzuk, artean dorrearen ondoko itxitura batean zituzten. Iruñerriko beste herrietan bezala, Uharteko biztanleak, gehienak heldu, gazte eta sasoiko haurrak, mendira abiatu ziren. Ama eta ume txikiak, edadetu batzuekin iparraldeko herrietan ziren salbu ordurako. Orduan, helduek, neska eta mutilek inguruko mendietan itxoingo zuten arriskua pasa arte. Herriko hesian eta dorrean gerlari zahar eta gazte batzuk zaintzaz arduratu ziren. Ezpata, lantza eta ezkutuaz aparte, harriak, arkuak eta geziak prest zituzten. Eneko jaunak herri ondoko begiratokietan gizon batzuk utzita, zalduneriaren biltokira abiatu zen. Gerra deia zabalduta, inguruko zaldunak eta oinezko batzuk beren lagunen zaldietan igota, Belotsoko aldapan elkartuko ziren ahal bazen musulmanak oztopatzeko. Orduko, bazekiten Almanzorrek hegoaldeko harresi eta ataritik hurbil kanpatu zuela. Azenarik zakutoan janaria eta ur-zahatoa hartuta, Beltz zakurra, Irri, bere zaldi gaztearen gainera igo eta ondoko etxera joan zen bere lagun Otsoa eta Joanes haren anaiaren bila. Haiek ere zaldietan igo ziren eta eskatutako lana egin zuten morroi baten laguntzaz. Behor talde ederra zuten. Ez zen zaila izan hamezortzi behor, hamasei moxal eta zaldiko, baita lau ar ipar-ekialdean zeuden belardietara eramatea. Hazitarako zaldi haiek Uharteko jaunak behar zituen gerra eta ehizarako, baita baten bat salmentarako ere bai. Zaldi-hezitzaile batek egiten zuen lan etxe hartan. Azenarik askotan laguntzen zion moxalen heziketan. Azken urtean kapitainarekin armetan trebatzeaz aparte, lan hartan ere aritzen zen momentu batzuetan. Egun argia zen abiatu zirenean eta eguerdian ongi gordetako eremura heldu ziren. Zaldiak behar bezala utzirik, txabolan antolatu zituzten kamainak eta eguteran eseri ziren mokadu bat hartzeko. Otsoak udazkenerako planak kontatu nahi zizkion Azenariri: ehizaldi ederrak egitea espero zuten. Musulmanak ez ziren Iruñea hegoaldeko harresietatik mugitu. Janari freskoak baino ez zituzten bilatzen inguruko baratzeetan. Bazirudien ez zutela borroka txikienarik ere sortu nahi. Enbaxada bat bidali zuten errendizioa eskatzeko. Errege Kontseiluari men egite formala eskatu eta lortu ondoren, hego-mendebaldera jo zuten Kordoba, etxerantz. Hura, garaile zireneko itxurak egitea baino ez zen. Haiek ziren penintsulan nagusiak eta indartsuenak, dudarik gabe, baina orduan hortzak erakutsita ez zuten askoz gehiago eginen. Irailaren hasieran, hala ere, musulmanek Burgos indarrez hartu zutela zabaldu zen. Ez zen hainbesterako izan. Hiriaren inguruak sarraskitu zituzten eta hiria su-bolez bonbardatu ondoren beren lurraldetara itzuli ziren. 14 - Ekaitzaren ondoren... heriotza. Uda bukaeran eta udazkenean berreraiki zituzten suntsitutako herrixkak. Enekotarren menpeko lur, herri eta dorreak onik atera ziren. Udazken luze eta emankorra izan zuten. Uzta onak jaso zituzten, bereziki fruituetan. Hala ere, negua heldu zen bat-batean. Abenduan hotza, izotza eta elurra izan zituzten eta eguberriak etxeko beroan ospatu zituzten. Urtarrilean elur gehiagorekin jarraitu zuten eta arazoak izan zituzten animaliei janaria eta ura emateko. Orduantxe otsoak agertu ziren. Uhartek harresia baino gehiago, egur-hesi altu bat zuen herria babesteko. Dorretxe inguruko eraikinek barne harresi bat ixten zuten eta handik metro batzuetara herria osatzen zuten berrogei bat etxek eta animalien artegi, zerritegi eta bestelako eskortek bigarren hesia zuten, enborrez egina. Ez zen eraso handia jasateko modukoa, baina abereak eta pertsonak babesten zituen pizti eta lapur taldeengandik. Baina elurra pilatu zenean, leku batzuetan bi-hiru metroko altuera hartuta, oso erraza izanen zen handik barnera saltatzea. Otsoen beldur, elurra kentzen eta ur beroa botatzen hasi ziren elurrak hesi ondotik zubi edo pasabiderik ez egiteko. Edozein momentutan bat-bateko elurte handia egiten ahal zuen eta otsoek hesia gainditzen ahal zuten. Urtarrilaren bukaeran Azenarik otsoen aztarnak eta saiakerak nabaritu zituen artegien ondoko hesiaren inguruan. Baimena eskatu zion aitari bere lagun eta herriko gazteekin gauetan otsoen zain egoteko, eta baita asmatu ere. Gau batean elurtea ari zuelarik, otsoak helburua lortzen saiatu zirenean mutilek geziz josi zituzten batzuk eta otsoak desagertu ziren. Martxoan, euri zaparradak izan zituzten eta mutilek eta gizon gazteek ehizaldiak antolatu zituzten animalia mehar batzuk harrapatzeko. Negu gogorra izan zuten eta orduantxe Azenariren familian zoritxarra agertu zen andre Uxue hil zenean, hilabeteetako gaixotasun mingarri haren ondorioz. Hiletetara handikiak agertu ziren. Edonola ere, herritarrek adierazi zuten dolurik sakonen eta benetakoena. Denak tristatu ziren dorretxean eta inguruan, baina etxeko nagusia ez zen berbera eta Azenari oso bakarrik sentitzen zen. Ia udaberrian, eguraldiak hobekuntza izan zuen. Martxoaren 21ean amaren urtebetetzea ospatzen zuten. Normalean amak bazkari berezi bat antolatzen zuen, ezohiko postre bat eta beti oparitxoren bat ematen zieten haurrei, jostailuren bat gehienetan. Urte hartan, halere, Eneka arreba zerbait ospatzen saiatu arren, guztien makalaldiagatik ez zen ongi atera. Mingarriagoa egin zitzaion Azenariri, amaren faltaz gain aitaren tristeziagatik. Zoritxarreko egunak. Oso goiz, dorretxeko ate batetik zortzi bat urteko mutil bat atera zen uhaletatik zaldi bat zeramala. Zaldian igo eta kanpoko harresiko atetzarretik ekialderako bidea hartu zuen. Iluntasunak ez zuen gari-soro, mahasti eta belardiak ikusterik uzten. Kilometro batzuk egin ondoren mendira zuzendu zen eta goiko zelaietara ailegatuta zaldia zuhaitz batean soka luzeaz lotuta utzi zuen. Goiko larreetara heldu zen mutila. Azenari zen, Eneko bailarako jaunaren seme nagusia. Goizean goiz jaikita, gosari gisa haragi keztatu puska bat ogiarekin eta trago luze bat esne sabeleratu ondoren, mendi aldera jo zuen ardi bila. Mendi lepoan, sortaldetik argi gorrizta sumatzean, hari begira geratu zen. Segundo azkar batzuetan eguzki aldeko zerua urdin ilunetik argira pasatu zela ikusi ahal izan zuen. Gorrizta laranjatik horira aldatu zen mendi hegia eta aurrean zuen harana argiz betetzen joan zen. Lainoa beste leku batera deitua izan balitz bezala, istant batean desagertu zen eta ez gau ez eguna izanik, argitu bitartean han egotea erabaki zuen. Ihintzak bustitako belar gainean etzan zen, ikusten ziren izarrei begira. Arnasa hartu zuen sakonki. Berehala, ordea, gogoa ilundu zitzaion apezak emandako ikasgaia gogoratuz. Erlijiosoari buruan sartu zitzaion mundu guztiak eta bereziki Azenarik penitentzia egin behar zuela. Baskoien erresuman, penintsulako besteetan bezala, Era Bisigotikoaren arabera kontatzen zuten denbora. Modu horretan 1038. urtean ziren. On Afraniok, ordea, irakurria zuen frankoen eta italiarren lurraldeetan, Kristo Ondoko 1000 edo 1001. urtean zirela Kristoren jaiotzetik kontatuta, eta apezaren erranetan orduantxe zabaltzen ari zen Apokalipsiaren berehalako etorreraren berria. Penintsulan, garaien bukaera eta Jaungoikoaren epaiketaren momentua hogeita hemezortzi urte lehenago emana zen, Apokalipsiaren komentarioak eta Beatoen mezuak modan jarri eta zabaldu zirenean. Monasterioen indartze handia gertatu zen orduan eta jendartean ere eguneroko kontua zen penitentzia eta Apokalipsiaren aipamena. On Afraniok eskolak emateaz aparte, latinezko irakurketa eta idazketarekin, otoitz eta penitentzia fisikoak eskatzen zizkion Azenariri. Ama oso gaixo izan zenetik, amaren babesik gabe geratu zen mutila eta apezak penitentzia eta zorroztasun gehiago eskatzen zion. Azenarik ez zituen jasaten ez apeza ezta erlijioa praktikatzeko haren modua. Nahiago zituen beste gaiak jorratzen zituzten liburuak eta bereziki armetan eta herri kudeaketan trebatu, Gartzia kapitain eta osaba zaharrarekin. Minutu batzuk beranduxeago igoerak emandako berotasuna galduta, haize hotza nabaritu zuen. Altxatu eta basoak uzten zuen soilunera begiratuz, egun argitan ardiak zeuden lekua ikusi ahal izan zuen. Begi zorrotz haiek ez zuten problemarik izan etxeko ardiak ezagutzeko. Korrika batean abiatu zen mendian behera. Errekastoan garbiketa azkar bat egin eta eskukada bat ur edanda, momentu batean abereekin zen. Beti bezala Zikina eta Urduria falta zirela ikusita, haraneko beste mendiaren magalerantz jo zuen altura handiagoren beharrean. Maldetatik larre txiki batean nabaritu zituen. Artalde osoa bildurik, leku egokian utzi zituen eta oilagorraren arrastoak bilatzen hasi zen. Bazekien inguru hartan aurkituko zuela animalia. Harri kozkor batzuk hartu eta haiek botatzeko habaila-larrua prestatuta, aztarna bati jarraitu zion. Poliki ibilita, habiaren sarreratik gertu ezkutatu eta haren zain geratu zen. Handik denbora gutxira, habiara zetorrela sumatu eta gorputz-jarrera egokia hartuta erne jarri zen. Harria botatzeko prest zegoelarik, deiadar bat entzun zuen. Oilagorrak hanka egin zuen. Oihukatzen zutena bere izena zela konturatzean, etsitu eta erantzun zuen. Zetorrena etxeko morroi txikia zen. Ondoratu zenean berri lazgarri bat entzun behar izan zuen. –Azenari, zure aita erori egin da. –Zer diok? Nola gertatu duk hori? Bera, jaunaren seme nagusia izateagatik zukako trataera ematen zioten aspaldian. Morroiak nahasirik kontatu ahal zionez, aita herritik atera berria zenean, zaldiak suge bat ikusi eta bota omen zuen jaun Eneko. Ezkutariek, zaldia eskuratu, ahal zuten moduan zaldian igo eta etxera eraman zuten. Bere aitak buruz jo omen zuen harri baten kontra eta une hartan ohantzean zegoen zorabiatuta edo konortea galduta. Arnasestuka sartu zen etxera eta eskailerak igo zituen harrapaladan logelan sartzeko. Aita bere ohatzean zen. Neskameak zerbait beroa eman zion aitari. Hurbildu zenean, gezurra iruditu zitzaion aitak zeukan itxura txarra. Ezker belarriaren gainean dena izugarri hanpatuta zegoen. Bat-batean, gorritu eta zahartutako aurpegia ia ezezaguna zitzaion. Okerrena izan zen aitak ez zuela ezagutzen konturatzea. Begiak sabaira zuzenduak zituen geldotasun beldurgarri batean. Mekanikoki hartzen zuen Iñaxi neskameak ematen zion edabea. Azenarik ezin izan zuen hura jasan eta negarrez hasi behar zuela pentsatuz sukaldera alde egin zuen. Arratsaldean, Iñaxik behartuta, zerbait ahoratu zuen mutilak. Azenari, Jantsuri eta Gartxoti etxeko bi morroiri, belarretan laguntzera joan zen. Mutu aritu ziren lanean, hirurak kezkatuta zeuden. Iluntzean biltegiko sabaian pilatutako belarren gainean etzan zen, Otsoa agertu arte. Beltza zakurrarekin erreka aldera abiatu zirenean, Otsoa lehenengo hitzak erratera ausartu zen. –Ez ibili horrela, ez duk horrenbesterako motel. Hire aitarena kolpe handia duk bai, baina bihar edo etzirako onez egonen duk. Egun guztian ibili nauk zizetan eta itzultzean belarrak egiten ikusi haudanean, antzeman diat ez hengoela ezta agurtzeko ere. Etzak hilda balego bezala hartu. –Hala ematen dik. Ez naik ezagutu ere egin ikustera joan naizenean. Uste diat kolpe handia baino gehiago duela. Mundua erori zaidak. Atta galduko diat... –orduan, Semeño agertu zen agudo afaltzera joateko erranez. –Zer moduz zagok aita? Konortea berreskuratu al dik? –Ez zekiat ba! Uste diat ezetz, Iñaxi haren ondoan zagok eta afari nazkagarria hartu behar diagu. Zer nazka! –Hiri inporta zaian bakarra afaltzea duk ezta? Hoa hemendik! –Kaikua! Atta ongi jarriko duk –anaia txikiak hanka egindakoan, Otsoak bota zion: –Ez portatu hain zakarki, berak ez dik errurik eta. –Ez dakik nola dabilen azken bolada honetan. Guztion mimoak dizkik baita arrebarenak ere. Hemen egongo balitz sikiera, attaz aparte gehien maite dudana arreba duk. –Baina zer kontu dituk horiek, hau maitatu, hura ez maitatu... –Begira, ongi konpontzen nauk guztiokin, osaba Semeno eta Semeñorekin izan ezik, baina hik badakik. Atta sendatzen ez baduk, ikusiko duk nola jarriko diren nire kontra. Handik gutxira Azenari afaltzera agertu zen. Aita berdin zegoela egiaztatuta, oso gutxi ahoratu zuen. Makal gerlari zaharra ahalegindu zen egoera arintzen: berehalaxe arituko zirela aita eta bera arku eta geziekin ehiza egiten, ezpataz eta lantzaz jaun Enekok parekorik ez zuela, bera ezkutaria zelarik aitak egindakoak... Alferrik izan zen dena, edo okerrago, zeren horrek guztiak berari aitaren egoera larriaz gehiago gogorarazi baitzion eta iruditu zitzaion dena bukatuko zela. Afaldu ondoren berriro erretiratu zen. Iñaxik aita zaintzen jarraitu zuen. Etxetik ez urrun, harresitik kanpo zuhaitz batzuen artean zegoen harri zuriaren ondoan eseri zen Azenari zuhaitz baten kontra. Pentsamendu beltzak baztertu ahal izan zituenean, biharamun goizean goiz zer egingo zuen pentsatzen ari zenean, Garazi agertu zen. Bera zen herriko guztiak belarrez sendatzen zituena; azti fama zuen gainera. Emakumeak oilar bat utzi zuen lurrean eta hiru kandela piztu zituen harriaren alde lauean. Azenarik ikusi zuenetik, emakume zaharrak ez zuen soinurik txikiena ere egin eta bere egitekoak bukatuta, mutilak begi bizi-bizi haiek barneraino sartzen zitzaizkiola sentitu zuen. Iltzatuta gelditu zen ezin mugituz. Gero, emakumea irribarrez eta hitz xamurrez mintzatu zitzaion, laztan batzuk egiten zizkion bitartean. –Ez kezkatu nagusi txikia, bizitza luze eta zoriontsua izango duzu-eta. Sona handiko zalduna izango zara, aita bazain inportantea, eta borroketan ez duzu parerik izango. Munduko gauza asko ezagutuko duzu... –Eta aitari zer gertatuko zaio? –bota zion bukatzen utzi gabe. –Edabe eta ukendu batzuk eman dizkiot. Ikusiko dugu onik izanen duen eta biharko errekuperatzen den. Zuen aitak leku txarrean hartu du kolpea. On-ona izan da guztiokin eta zoriontsu bizi izan da. Andre Uxuerekin, zure ama zenarekin elkartu nahi du. Berak ere zure aita behar du. Ba al dakizu, asko maite zaituela zure amak? –Nola dakizu hori? Hildakoekin mintzatzen al zara? –Gure mutiko, hilak ez daude hilda, ez jendeak uste duen bezala behintzat. Askotan gure inguruan ibiltzen dira eta maite dituztenei laguntzen diete. Zure amak lagunduko dizu aurrera egiten. Entzun ezazu gauerdian suaren garrek erraten dutena. Eraman amaren gauza preziaturen bat eta suari ezpal batzuk bota ondoren hiru aldiz pasatu gauza hori suaren gainetik. Berarekin asko gogoratzen bazara mintzatuko zaizu. Ez izan beldurrik –hau erran eta masailetik laztan bat egin zion. Andre zaharraren zimur artean, begien distira izugarria zen. Galdetzera zihoala, emakumea bueltatu eta poliki-poliki urrutiratu zen. Oheratzeko zegoenean, osaba Antso eta arreba agertu ziren etxean. Goizean, ezkutari bat joan zen izebarenera abisua ematera. Aitaren inguruan zeuden etxeko guztiak, hari begira. Isiltasunaren erdian, Semenoren begirada zorrotza topatu zuen. Sukaldera pasatu zirenean osaba zuzendu zitzaion. –Azenari, zergatik utzi duk aita bakarrik, zelaietara joateko? –Ardiak zaintzera joan behar nuen eta... –Lan horiek morroien kontuak dituk. Hire lehenengo betebeharra, aitaren aginduetara egotea duk. –Aitak bazekien... –Aitak bazekien –errepikatu zuen burla eta imitazio ahotsez–. Hire betebeharra aitaren ondoan egotea zuan. Luze mintzatu behar diagu. Hik ez duk ideiarik... –Niri bota behar al didak errua? –moztu zion Azenarik. –Manera horiek ez dituk hire nagusi bati hitz egiteko modukoak. Hoa ohatzera –bota zion oihuka etxekoak eta morroiak izutuz. –Osaba ez da nire intenzioa izan. Nik erantzun... –Alde egiteko erran diat –bota zion zakarki, bere onetik aterata. Azenarik eskaileretan gora egiten zuen bitartean, Eneka egoera leuntzen ahalegindu zen. Alferrik. Gainera, Semeñok "Azenarik du errua" behin eta berriz errepikatzen zuen. Mutilak ohatzearen gainean bota zuen bere burua. Eutsi ezinez, negarrari eman zion denbora luzez, tartean, atta, atta, xuxurlatuz. Buelta emanda, aitaren aurpegi hanpatu eta gorritua asmatzen zuen sabai ilunean. Azkenean ez zituen etxekoen zaratak entzun. Orduan gogoratu zuen Garazik errandakoa, gauerdian amarekin mintzatzen ahal zela. Kanpo aldean begiratu ahal izateko, leihoa ireki eta kanpora begiratu zuen. Ohartu zen gauerdia gertu zegoela. Ilargiak ia bide erdia ibilia zuen. Agudo, baina ia soinurik atera gabe sartu zen josteko gelara. Bere gauzen artean zer hartu ez zekiela, amak erabiltzen zuen zilarrezko orraziaz oroitu zen. Ate ondoko kutxa ireki eta dena nahasiz azkenean aurkitu zuen. Usaindu zuenean orrazterakoan amaren ile distiratsu eta luzeaz oroitu zen. Amak, ileak garbitzerakoan mentaz eta beste belarrez eginiko ukendu bat botatzen zuen eta ondoren egiten zuen garbiketak ez zuen usain sarkor hura erabat kentzen. Kutxa itxi eta bere gelara bideratu zen gauerdia zela-eta. Ez zen ongi oroitzen egin beharrekoaz eta leku lasai baten premia izateak bere gelara eraman zuen. Momentuz han gelditu zen errito hura sukaldeko su gainean egin behar zuela oroitu zuen arte. Antsiaz egin zuen korri beheko solairuraino, behin edo bitan estropezu eginez. Errautsa erretiratu eta ikazbiziaren gainean ezpal dezente bota zuenean putz egin zuen sua piztearren. Kostata hasieran, su bizi-bizia lortu zuen eta egur puska txikiak kontu handiz antolatu ondoren, ekin zion amaren orrazia gainetik pasatzeari. Garrek altura eta indarra hartua zutenez, beldurrez pasatu zuen eskua. Alferrik. Ez zen ezer berezirik sumatzen. Amari pizten zioten kandelaz oroitu zen. Tximista baino azkarrago hartu eta piztu zuen. Amari deika hasi zitzaion eta deus ez zuela lortuko pentsatuz berriz negarrez hasi zenean bat-batean suak altura gehiago hartu zuen. Bizia putz bat zela entzuna zuen nonbait. Su hari zuzendu zitzaion. –Ama, hemen zaude? –Sua biziagotu zen pixka batean. –Ez eraman aita guregandik. –Sua aldeetara mugitu zen. Amarekin zuzeneko solasean aritu balitz bezala jokatu zuen–. Oraindik behar dugu. Nik behar dut. –Irudipen edo benetan amaren ahots maitea entzuten ari zela iruditu zitzaion. –Ez penatu, baina bere ordua heldu da, seme. –Bera gabe, etxe hau infernu bihurtuko da. –Ez dago erremediorik laztana. Nik ezin dut ezer egin. –Ama, zer egin behar dut? –Deus berezirik ez, seme. Eutsi. Bizi behar duzu. Jarraitu. –Osabak nire kontra joko du. Nola defendatuko naiz? Nola jarraituko dugu etxe honetakoak? –Lasai zaitez bihotza..., zure osaba horrek ez du etsiko zu etxe honetatik bota arte. Ez borrokatu, hobe biziko zara bere bistatik urrun. Gurean jarraitzen saiatzen bazara zure bizia arriskuan izanen da. Etorkizuna hemendik urrun bete behar duzu. –Baina ama, ni naiz oinordekoa, etxe hau zuzendu behar duena, gure familiaren ohorea zaindu behar duena. –Asko sentitzen dut ene seme, baina ez duzu zer eginik. Zure osaba horrek uste du Semeño bere semea dela eta etxeaz jabetuko da berarentzat eta ustezko bere semearentzat. –Nola diozu hori? Zuk...... –Ez gaizki pentsatu. Bortxatu ninduen. Ez nuen deus erran aita ez mintzeko eta arazo handiagorik ez sortzeko. Garbi utzi nion berriro saiatuz gero, dena kontatuko nuela. Uste du Semeño bere semea dela. Ez da horrela baina berarentzat nahi du etxe, jaurerri eta leinuaren burutza. Kasu egiten ez badiozu eta joateko eragozpenak jartzen badituzu, hilko zaitu. Seguru izan seme –Azenari pentsakor gelditu zen. –Orduan... –Orduan, pentsatu hemendik landa biziko zarela. Aitak eta biok lagunduko dizugu. Ospe eta zoriona izango duzu hemendik alde eginez gero. –Ama, behar zaitut. Nola solastu behar dut zurekin? –Orain bezala, nire orrazia eta aitaren labana txikia erabili horretarako. Aio seme. Ez tristatu gugatik. Bizi zaitez maitea. –Sua ezertan gelditzen ari zen. –Ama... Ama... –erantzunik ez. Hurrengo egunean dorretxea jendez bete zen. Eguerdirako, atarian eta etxearen aurreko plazan, soldadu, apez, fraide eta noble batzuk elkartu ziren. Haran haietako lagunak, agindupekoak, baita arerioak ere, noble, fraide eta apezak gehienak, berrogei bat pertsonaia azaldu ziren han. Dorretxearen patioa, zerbitzu desberdinetarako zazpi bat eraikinek inguratzen zuten babesa funtzioa betez. Dorretxeko beheko solairuan, ukuilu handia zegoen, sarrera albo batean zuena. Saloi handiaren bidean, lehen pisuko atarira heltzeko egurrezko eskailera bat igo behar zuten, nahi bazuten kendu ahal zutena. Bigarren pisuan etxeko eta gonbidatuentzako logelak ziren eta ganbara azken pisuan, nahiz eta handik dorreak beste pisu bat egin, inguruak zaintzeko leihoak zituena. Dorretxearen ondoan, su arriskuagatik aparte, sukaldea eta janari biltegiak zeuden. Zalditegia, bestelako animalia batzuen babestokiak, janari biltegiak, tresnen gordelekuak, lastategia eta nola ez, soldadu, morroi eta beraien familien bizitokiak ere baziren patioaren inguruan. Egun hartan, nabaria zen etxekoen lan isila, kanpokoen gero eta zalaparta handiarekin konparatuz. Jauntxoak eta apez-fraideak, kanpoko egurrezko eskaileretatik etxean sartuta, lurraren mailatik hiru metro altuagoan, atari barnean bankuetan zeuden esekita binaka edo hirunaka hizketan. Orduan, neskameek eskaini zizkieten freskagarri eta jakiak hartuta, ozenki ari ziren eguneroko gaiez, hara eramandako jaunaren egoera ahaztuta. Atariko egurrezko eskaileretan ezkutari bat edo beste zegoen jarririk jauntxoen deirako prest eta plazan, etorritakoen morroi eta soldadu batzuk, gehienak hormen kontra jarriak; beste batzuek, ateen aurrean edo patioaren sarrera-atarietan enbarazu egiten zieten lanean ari zirenei. Arratsaldean okerrera egin zuen jaun Enekoren osasunak. Iruñeko osagilerik hoberena ekarri zuten goizean goiz eta honek esperantzarik ez izateko erran zien. Azenarik nola edo hala pasatu zuen eguna, gonbidatuen galderak erantzuten, hainbat eginkizun betetzen, morroiei etxe inguruan eta gehienetan bertan, laguntzen. Egin zituen bi atsedenetan, berrien zain egon zen atari aurreko eskailera zabalean eserita. Egun osoan ez zuen ezer askorik ahoratu, ogi gogor puska bat izan ezik. Osaba Semenok hartu zituen bisitariak eta agintzen zuen etxeko jauna balitz bezala. Azenari harengandik ahalik eta urrunen ibili zen. Mutilak ezin zuen jasan eta are gutxiago bistan izan. Behin edo bitan nabaritu zion disimuluzko begirada. Ederki ezagutzen zituen berarenganako gorroto ezkutua edo besteekiko mesprezu eta gaiztakeria. Ez zekien zer, baina ez zuen ezer onik espero harengandik. Iluntzean hil zen jaun Eneko. Zenduaren gelatik negar-zotinak entzun ziren. Neskame bat agertu zen aieneka eta bisitari guztiak igo ziren lehen pisura, gehienak pasabidean geldituz eta batzuk gelan sartuz. Han, ordura arteko jauna zetzan eta haren ondoan on Afranio, alaba, bi semeak, Semeno, osaba Antso, Iñaxi neskamea eta Kosme morroien burua. Denak hasi ziren otoitzean. Bukatu zutenean musu bana eman zioten lotan zirudien jaun Enekori eta atera ziren kanpoan zirenei lekua utziz. Azenarik begirada iheskorra nabaritu zion osaba Semenori. Honek, ordea, disimulatu eta penatuarena egiten jarraitu zuen. Ongi bai ongi baitzekien mutilak osabak aitarekiko bekaizkeria eta gorrotoa disimuluan eramaten zuela, hark berarekin zituen sentimenduak zirelako. Barnean arriskuaren sentsazioa gaineratu zitzaion penari. Gelatik ez zituen bost pauso egin, osabak isiltasunaren gainetik dei trumoitsua egin zionean. –Azenari, hator hona. –Zer nahi duk? –bueltatu eta esaldia ozenegi atera zitzaion Azenariri. Berdintasunezko tratuak gogor eta mesprezuzkoa zirudien. –Nola erantzuten diok hire nagusi bati, hire erruz aita hil denean? –hasi zen oihukatzen. –Horrexegatik! Zergatik botatzen didak errua istripua izan denean? –Lotsagabe halakoa!! Aita utzi huen bakarrik! Eska ezak barkamena oraintxe bertan edo... –Putakumea! Hi ere ez hintzen haren ondoan erori zenean. Ezkutaria eta morroi batekin zebilen eta aita osasuntsu zegoan erori baino lehen! –Seme hiltzailea, hoa hire gelara eta zain ezak behar duan zigorra –bota zuen ozen oihukatuz. Azenarik bultzada bat eman zion eta gelara joan beharrean eskailerak jaitsi zituen arrapaladan. Ataritik ez zen kanpora joan. Txokoko eskailera txikia hartu eta sotoetara jaitsi zen belar eta zaku batzuen gainera negarrari emateko. Bitartean entzuten zituen osaba gaiztoaren hitz pozoitsuak. –Deabru gorria! Jainkoari barkamena eskatzen pasatu behar huke bizitza. Azenari bere min eta amorruarekin geratu zen, osaba malapartatu hark zer erran nahi zuen pentsatzen. Semenok lortu zuen mutila gaizki gelditzea, baina berak ezin zuen leporatutakoa erantzun gabe utzi. Osaba Fortun etxean izan balitz ez zen amets gaizto hura gertatuko. Abisua bidali ziotenetik ia bi egun pasa ziren. Berehala agertuko ahal zen erregutu zuen. Momentu hartan konturatu zen ez ziola egun osoan Jainkoari otoitz egin eta fraide ibiltari batek erran zion bezala, Aita Gurea egin zuen bihotzez eta maitasunez. Ziur asko konturatu gabe aitak egindako bekatu txikiak jainkoari barkatzeko eskatzeko eta amaren ondora eramateko eskatu zion, hunkituta, doluz beteta. –Aita, ama, maite zaituztet. Ez gintuzuen hain agudo utzi behar, baina zuek bezalakorik ez du inoiz izan seme batek. Atta, amatxo... –nekatuta, negar eta murmurio hartan poliki-poliki loak hartu zuen. Nola gertatu zen inork jakin gabe, egunsentian etxe ondoko korta txikiko animalia asko hilik agertu ziren eta Azenariri bota zioten errua. Lekuko baten arabera, osaba Semenoren ezkutaria, gauerdian Azenarik amorruz beterik aizkoraz edo hil omen zituen. Azenari zalaparta harekin esnatu zenean, patiora atera eta zoritxarreko egoera topatu zuen. Salaketak zur eta lur utzi zuen hasieran. Gero, etxeko langile eta soldadu marmartien artean, osaba Antsoren sorpresa eta ezkutariaren begirada maltzurra nabaritu zituen atarian agertu berriaren Semenori zuzenduta. Ez zen gauza izan burua hotz eta lasai bere burua defendatzeko. Gezurtia deituz eta salto batean osabaren kontra joz erantzun zuen. Hala ere, zortzi urteko mutiko batek gutxi egiten ahal zuen gizon heldu eta indartsu baten aurka. Osabak zartako galanta eman zion eta eskuetatik hartuta soldadu bati animalia basatiak gordetzeko itxituran sartzeko agindu zion. Semenok inguruko morroiak eta soldaduak, baita osaba maestrea ere beldurtuz lortu zuen Azenariren alde inor ere ez ateratzea. Denek zekiten, edo susmatu egiten zuten behintzat, gezur hutsa zela, baina Azenari artean ez zen gizona eta Semeno edozein gauza egiteko gai zen. Mutilak ezin izan zuen bat ere egin. Ezintasunez, aurreko batean basurde-kumeek zikindutakoa baztertuta, lasto garbiaren gainetik begiratzen zuen etxearen aurrean gertatzen ari zena. Aurreko egunean bildutako handikiak etxetik bertatik eta kanpotik agertzen hasi ziren. Berari begiratu azkar egiten zioten gauean gertatutakoaren ipuina entzuten zutenean eta berehala sartzen ziren etxe barnera beste handiki batzuekin elkartzera eta arratsaldeko hileta eta elizkizunaren zain. Morroi batek, ezkutuan, jateko eta edateko zerbait eraman zion. Goiz erdian, Otsoa agertu zen. Bere aita, Gartzia kapitaina, artean Erriberan, Faltzesen zela eta ez zutela espero kontatu zion. Azenarik herrian erraten zutenaz galdetu zion. –Denek zekitek hik ez duala ezta ja ere egin; hire osaba horrek dena asmatu duela. Aski ongi ezagutzen haute horrelako gauzak ez sinesteko. Nik neuk ere horrelaxe erran zieat, baina ez ditiztek askorik behar. Semenoren ibilerak eta bizitza guztiko gaiztakeriak ez ditiztek ahantzi. Lasai hadi, hurrengo orduetan ez baduk, bihar edo etzi, gure aitarekin hire osaba Fortun etorriko duk eta askatuko hau. Izan ziur –Azenarik ez zuen hain garbi. Ezagun zituen deabru beltz haren gezur eta tranpak eta bazekien edozein gauza egiteko gai zela. Etorri berriak ziren osaba Belasko eta izeba Santxari esker Azenari dorretxeko haurren logelara sartu zuten, zigortuta baina ez basapiztia bat bezala, handiki guztien aurrean animalia bat bezala tratatuta. Eguerdian, inguruko eta Iruñeko agintari, erlijioso eta bestelako handikiak elkartu ziren dorretxean. Hileta-elizkizun handiak ospatu zituzten. Azenari aske utzi zuten parte hartzeko. Gero, eliza ondoko hilerrian gorpua lurperatu ondoren, denak dorretxearen atari aurreko plazan elkartu ziren, Azenari berriro bere gelan itxita utziz. Jendetza, noble eta herritarrak, asko ziren eta eguraldi ona ari zuela aprobetxatuz, mahaiak jarri zituzten patioan “U” itxurako bat osatuz. Semeno, apezpikua, Iruñeko Antso Fortuniones Erret-jauregiko salako maestrea zena eta bestalde, familia hurbilekoak, izeba Santxa eta Belasko, Semeño eta Eneka, mahaiburuan jarri ziren. Ospakizun zaratatsu hark gehiago haserrarazi zuen Azenari, bere gelatik pena eta injustizia jasan ezinik. Arratsaldean, Semeno agertu zitzaion gelara erdi-mozkortuta jaun Enekoren heriotzaren errua leporatuz. Azenari eutsi ezinik gainera oldartu zitzaion. Orduantxe agertu ziren familiako guztiak eta apezpikua. Gizonak Azenari gelditzen eta lasaitzen ahalegindu ziren, Semenok lepora eskuak eramanez antzerkia borobiltzen zuen bitartean: –Basapiztia halakoa! Erotu haiz! Jainkoaren laguntzaz sendatuko ahal zara! Apezpiku jauna, ez al dago lekurik Donemiliagan edo, mutil gaizto bat onera onbideratzeko eta jainkoaren barkamena eskatzeko? –Apezpikuaren baietzaren aurrean planarekin jarraitu zuen osaba malapartatuak–. Hala bada, apezpiku jaunak erran duen bezala, Donemiliagan berriro mutil kristau on bat izateko egonaldi bat egin dezala –denen erantzun falta aprobetxatuz, mutila berriro utzi zuten itxita. Azenari, ezgauza, edozeren gainetik lur jota utzi zuten hitzok eta besteen defentsa faltak. Gizon gaizto hark ederki maneiatzen zituen egoerak eta pertsonak. Bat-batean, momentuz bazen ere, enekotarren buruzagitza eskuratuko zuen Semeno Santxezek, itzala egiten ahal zion oinordekoa baztertuz eta Semeño, beste iloba, kontrolatuz. Fortun Santxezek, anaietan zaharragoa izanda ere, Faltzesen eta mugaren zaintzan zuen lehentasuna, mezuek adierazten zutenez. 15 - Donemiliaga. Biharamunean, gerlari eta morroi baten laguntzaz abiatu zen Azenari Donemiliagara. Berari, morroiari bezala asto bat utzi zioten bidea egiteko. Dorretxetik abiatu behar zuenean, bakarrik izeba Santxa eta Eneka joan ziren agurtzera. Osaba Belaskok premiazko arazo batengatik joan behar izan zuen Iruñera, baina inondik ere ez ziren agertu osaba Semeno eta izen bereko anaia, etxean egonda ere. Izeba, gurutze-domina bat emateko aitzakian diru-poltsatxo bat sartu zion besapean. Hura eta arropaz aparte, amaren orrazia eta aitaren labana txikia baino ez zituen eramanen. Musu bana eman ondoren asto gainera igo eta zaldunaren atzetik urrutiratu zen Uhartetik bolada luze baterako behintzat. 2001eko udaberri hartan, behartuta, Azenari Donemiliagara sartuko zuten fraidegai, monasterio famatu baina urrun batean. Apirilaren lehena zen Uharteko familiaren dorretxea utzi zuenean. Hurrengo egunean bederatzi urte beteko zituen bakardaderik sakonenean. Euria ari zuen Zirauki ondoko santutegiaren inguruetara heldu zirenean. Uhartetik atera zirenetik, Azenari bere baitan ibili zen legoa eta legoatan. Ez zen ohartu ere egin Iruñea ondotik pasatzean. Bere urtebetetze eguna izanen zela ere ahantzi zitzaion. Leku ezagunak zitzaizkionez ez zien kasurik egin; Lizarrara heltzean, ordea, inguruko desberdintasunek arreta erakarri zioten. Ordura arteko herriak, ezagutzen zituenak bezalakoak ziren. Lizarran etxe berri asko eraikitzen ikusi zuen, jende bitxia modu berezian jantzita topatu zuen eta hizkuntza anitz entzun zituen. Gaua pasatuko zuten ostatuan afaltzean, mutil atsegin baten ondoan jartzea egokitu zitzaion, kasualitatez gaua bertan egin behar izan zuena. Arnaldo edo Ortzi, berak nahiago zuen izena, hamasei urtekoa, Ameskoako herri batekoa zen eta askotan bere familiako edo herriko beste batzuen animaliak eramaten zituen Lizarrara. Arkume batzuk saldu gabe gelditu ziren eroslea gauean edo hurrengo egunean agertuko baitzen eta bera gelditu zen hurrengo goizean animaliak saltzeko. Ortzi baskoi gazte arrunta izanen zen tratuan ibili ez balitz. Ezagutzen zituen frankoak eta gaskoiak, bertako erromantzedunak eta hain arraro mintzatzen ziren judutarrak. Bere izen bikoitzaren arrazoia ere kontatu zion: –Nire lana frankoei abereak saltzea duk eta izen txatxu horrekin hobeki hartzen naitek. Beraiek dituk ostatu gehienetako nagusiak eta artisauak ere bai. Hemen baskoiek erromantzez egin behar diate besteekin. Frankoak edo gaskoi asko egia erranda, duela urte asko bizi dituk hemen, baina ez diate euskaraz egiten. Bakarrik gaskoi euskaldunak aritzen dituk euskaraz. Gaskoi asko, hala ere, aspaldian erdaldundu zituan beren herrietan, Tolosa eta Bordele inguruetan. –Baina, txano arraroa duten horiek, judutarrak, zergatik dituk hain desberdinak? Nire herritik, Uhartetik pasatzen direnean ez diate hain arropa arraroa eramaten. –Hori duk, bidaiatzean, judutarrak direla ezkutatzea praktikoagoa eta seguruagoa delako. –Baina, hemen... –Hemen lasai eta seguruago bizi direnez beraien erlijio desberdintasuna adierazi behar diate. Kristauak ez direnez, judutarren seinaleak eraman behar ditiate... Baina, erradak: hi nora hoa hire herritik urrun? –Fraide sartu nahi naitek eta Donemiliagan izatera behartu naitek. –Zergaitik behartu haute? –Nire gurasoak hil dituk bata bestearen segidan eta osaba batek, ni premua izateagatik erditik kendu nahi naik. Azenari nauk, Uharteko jaun Enekoren seme nagusia... ninduan... –Hi... Zu al zara aritzarren leinuko oinordekoa? –Baninduan bai. Baina ez egin zuka, mesedez. –Nahi... duan bezala –Berehala, beraien bizitzaz aritu ziren biak, goiko pisuko logela handira lotara joan ziren arte. Azenarirekin bidaiatzen zutenak gutxi mintzatzen ziren berarekin. Uhartetik atera bezain laster, morroi eta gerlaria haren atzetik jarri ziren noizbehinka hitz aspertuak eginez. Bitartean Azenari Lizarra ondoko herri txikiak, euskal jendez populatuak pasatu ondoren, handiagoak aurkitu zituen Ebro ibaiaren inguruan. Handiak, harresiz inguratuta eta etxe gehienak beheko parteetan buztinezko adreiluz eginak. Jendea ere baskoia izaki, erromanizatu samarra zen. Umeek euskal hizkeraz beteriko erromantzea erabiltzen zuten, nahasian. Edonola ere, herri guztiak ez, harrigarriki Ebro ondo-ondoan Kodes aldean inguru menditsuago eta baskoiagoa topatu zitekeen. Handik aurrera, Naiara bitartean berriro topatu zituen herri handietako jende erdalduna. Naiara, Iruñea baino txikiagoa bazen ere, aberastasunak eta hiri garrantzitsuetako gauzak topatu zituzten: dendak eta artisau tailerrak; eliza handiak, plaza eta azokak; eta bereziki gaztelu eta kuartel handiak. Ez zen harritzeko Naiararen garrantzia. Azken garaietan arrazoi militarrengatik Erregeordetzaren udako ohiko egoitza zen, noizean behin Iruñera mugitzen baziren ere. Han, jende nahaste handia nabari zen Lizarran bezala, leku desberdinetako baskoi asko, haietako gehienak gerlariak, batzuk hegoaldeko mendialdekoak. Gaskoiak, Errioxako lautadako biztanle erromantzedunak, eta gainera musulman eta mozarabe batzuk ere ikusi zituen. Dena den, itxuraz ez ziren baskoiengandik oso desberdinak, hizkera erromantzedunak ziren, haien diferentziarik nabarmena beraien jantzi koloretsuagoak eta buruko zapiak ziren. Dena den, leku batetik bestera gerlari talde gehiago ibiltzen ziren zaintza lanetan eta inguruko gaztelu eta dorreetan gerlari gehiago ziren. Hango bertako gerlariak aparte, Naiara inguruan Kalagorriri begira Baskoniako armada gehiena biltzen zen udaldietan. Baina bitxiena Errioxako paisaia zen. Mutilak sentitzen zuen pena ahaztu gabe ere, udaberriaren edertasuna, usain berrien indarra eta naturaren berritzearen aurrean ezin zen itsu eta apal geratu. Nahi gabe ere, txundituta, udaberrian natura hura bizitzaz eta maitasunaz mintzatzen zen; animaliek, txoriek nabarmen, poztasuna adierazten zuten. Naiara inguruko lautadetan ez ziren ikusten mendialdeko baso trinkoak edo mendi altuak, urrunean zirriborro urdin batzuk baizik. Baina mahasti lerrokatu, galsoro berdetu eta baratze aberats haien artean, erreka ondoko makalek marrazten zituzten lerro luzeak. Harrigarriena euri ondoko zeru garbi eta argitsua zen. Horretaz gainera, lur arre eta marroiak, landareen berdeak, loreen koloreak, mitxoleta gorriak, eta konposizioak nabarmentzen ziren. Paisaia nabarra zen. Lur emankorraren gainean berde paleta kontrastatu eta garbia nabaritzen zen eta usain umelak heriotzaz eta biziaz hitz egiten zion Azenariri. Najerilla erreka utzi eta Kardenas errekatik hego-mendebaldera mugitu ziren. Badaran eta Berzeo herriak pasatu zituzten. Bertakoek gehienetan erromantzez eginen zuten ziur asko, baina bidaiarien itxurari erreparatuta euskaraz agurtzen zieten. Paisaia antzekoa zen, baina bailara estutzen ari zen pixkana eta urrunean mendiek inguratzen zuten. Berzeotik legoa erdi batera herrixka baten inguruan, fraide batzuk ikusi zituzten nekazarien artean lanean edo animalien laguntzaz garraio egiten zutenak. Agurtu eta monasterioaz galdetu zietenean ez ulertuarena egin zuten. Poliki eta ahoskatuz beren erromantzerik dotoreenean galdera errepikatu zutenean erdi latinez erdi erromantzez mendebaldeko bidea erakutsi zieten hurbil zegoela gaineratuz. Santutegia ez zegoen hain hurbil, ez behintzat haiek bezala hain nekatuta zeuden batzuentzat. Beheko bailaratik urrun ez bazegoen ere, aldapa eta bide bihurria jarraitu behar izan zuten. Pinuen artetik igo ziren bidetik. Aitaren batean ez, arrosario batzuk errezatzeko denboran zelai txiki batera heldu ziren. Azenarik Donemiliagaren famagatik, monasterio handiagoa espero zuen. Hala ere, harrituta zegoen kanpotik ikusten zuen edertasun orekatuagatik. Eskuinean, iparraldean, mendi pareta baten kontra, baseliza ederra zegoen. Fraide eta morroiak harat-honat ari ziren eguneroko eginkizunetan, haiei kasurik egin gabe. Astoak eta zaldia kanpoan lotu zituzten eta sartu ziren. Santutegia harri argi landuz egindako eliza zen. Ekialdetik sartu ziren baselizaren ondoko korridore estalian. Ezkerretara zortzi arkudun leiho handiek gainerako eraikinak eta erdiko patioa erakusten zuten. Korridorea, ekialdetik mendebaldera luzatua, pasealeku estalia, klaustro bezala erabiltzen zuten. Erdian, atari are ederrago batetik elizan sartzen ahal zen. Barruratu zirenean lekuak beste mundu batean sartu zirela zirudien. Ilunagoa izanda ere, ekialdetik sartzen zen argitasuna. aldarea, gurutze handia eta imajina koloretsuak nabarmenduak gelditzen ziren, kandela erraldoiek ere arreta erakarriz. Mendebalderantz elizaren luzera markatuz, zutabe lerro jarraiak bitan banatzen zuen eliza. Eta zer nolako arku ikusi zituzten! Ferra eder handiek espazio magikoa eratzen zuten. Mendian sartuta koba batzuk zeuden. Haietako bitan kapera itxian hilobi landuak ikusten ziren. Azkeneko kaperan, kandela handi pilen bidez inon baino argitsuago, ederki zizelkaturiko hilobi eta kolore biziz margoturiko egurrezko irudiaren aurrean gizon bat zegoen belauniko otoitz egiten. Orduantxe altxatzen ari zen eta bueltatu behar zuen. Beste fraideek bezala soineko beltzezko kapusaia eramateagatik, edozein izan zitekeen. Nolabait ere, beraien aldera biratu zelarik, egin zien irribarreak eta burusoilaren distirak nolabaiteko santutasuna ematen zioten. Haiengana hurbildu zen besoak zabalduta. –Egun on Jainkoak. Ongi etorri Donemiliagaren santutegi honetara –agurtu zituen latinez, erromantzez jarraitzeko–. Ni Benedictus priorea naiz. Etor zaitezte nirekin garbiketa egitera, santuaren aurrean otoitz egin baino lehen –korridorera atera ziren. Fraide gazte pare batek ura eta eskuoihalak eskaini zizkieten. Garbiketak eginda, gerlariak diru-zorroa eta eskutitz bat eman zizkion prioreari. Honek, eskutitza ireki, irakurri eta berriro zuzendu zitzaien. –Azenari, gure artera bizitzera heldu zarenez, ongi etorri berriro. Arratsaldean bazkaldu ondoren hitz egingo dugu. Joan zaitez orain fraidegai hauekin. Zuek, errezatu eta bazkaldu ondoren joaten ahal zarete –gerlariak eta morroiak eskuan muin eman ondoren elizan sartu ziren eta esan bezala eginen zuten, arratsaldean Uharterako bidea hartuz. Azenari bi fraideekin joan zen. Zelaiaren aurrean, mendebaldean, gehiena buztinez eta egurrezko enbor txikiz egina, fraideen bizitokia topatu ahal zen. Beheko harrizko solairuan jantokia zegoen eta eskailera batetik logela txiki batzuk eta bi logela handi zeuden, bata fraide helduentzat eta bestea fraidegaientzat. Laukiaren ezkerraldean sukaldea, ukuiluak eta biltegi batzuk zeuden. Handik hurbil, eraikin txikiagoen artetik, baratze batzuk ikusten ziren eta urrunean haran izugarri ederra. Donemiliaga bailara osoa zen eta bitxi horren harribitxia baseliza-monasterioa. Azenarik janaria sukaldetik jantokira eramaten lagundu zien. Orduantxe, Sextak jo zuen eta besteekin batera otoitz egitera sartu zen elizan. Bukatutakoan, isilean bazkaldu zuten urdai puska handi bat eta ogia urarekin, batek irakurtzen zien bitartean. Eguerdiko otordu arina hartuta, priorearengana eraman zuten mutila. Priorea scriptoriumean zegoen, hegoaldean harrizko eraikin batean ziren ukuilua eta scriptoriuma haren gainean. Kanpoko eskailera batetik igoarazi zuten. Idazgela ez zen handiegia baina ongi egoten ahal ziren hamar bat fraide mahaietan lan egiten. Armairuetan ehunka liburu ikusten ziren. Airean usain kilikagarria nabari zen, pergamino zaharren hautsak sortzen zuena. Leihoetatik, alabastroari esker, argi iragaziak nahiko argitasun ematen zuen, mahai gaineko pergaminoen irudiak margo biziz jantziz. Priorea alabastro fin-finez estalitako leiho baten ondoko mahai batean zegoen, liburu koloretsu bat irakurtzen. Hurbiltzean begirada altxatu zuen liburutik, irribarre zerutiarra eskainiz eta ondora gehiago hurbiltzeko keinua eginez. Latinez zuzendu zitzaion mutilari poliki. –Azenari, eskutitzean adierazten da hemen egon behar duzula onbideratzeko. Ez erantzun. Ez duzu zeure burua zuritu behar. Ez duzu gaizto izateko itxurarik. Zure osabak hona bidali zaitu eta onartu behar duzu. Hemen bizitza gogorra izanen duzu, otoitz eta lanen artean, baina Jainkoak lagun, gela honetan aurkituko duzu santifikazio eta ezagutzaren bidea. Izangaiekin biziko zara –Azenariren keinua ulertuz, jarraitu zuen. –Lasai, badakit latin hau justu ulertzen duzula. Ikasiko duzu ederki. Atseden momentuetan erromantzez edo baskoieraz eginen duzu mutilekin, edo nekazariekin lanetan. Orain atsedena duzu, paseatu eta pentsa ezazu hausnartu behar duzula zure bizitzaz. Beste momentu batean mintzatuko gara. Orain zoaz bakean. Azenari, ontasun begirada eta hitz haien laguntzaz lasaiago geratu zen. Inguruko liburu-gela miragarriari begirada bota ondoren patiora jaitsi zen. Prioreak errandakoaz hausnartzen geratu zen hego-ekialdeko paisaiari begira. Han herria eta monasterioko lurrak zeuden, mendien artean isolatuta. Eta halaxe sentitzen zen, isolatuta. Bere herri, ahaide, lagun, eta maite zituen animalia eta gauzetatik urrun, bakarrik sentitu zen, aita eta amarik gabe. Osabaren maltzurkeria ere gogoratu zuen. Bazekien hark zerbait eginen ziola eta beraren kontra joko zuela. Hala ere, probokazioei ezin eutsiz tranpan erori zen. Besteen aurrean iraindu zuen eta eraso egin zion, kanporaketa gauzatuz. Bere buruaren erruz zegoen Donemiliagan eta era berean bazekien han libro zela osaba malapartatuarengandik. Ez zuen beste osaben laguntza espero. Ziur asko haiek ere Donemiliagan seguruago zegoela uste izanen zuten. Horrela zegoela, bi mutil hurbildu zitzaizkion. Bata bera baino zaharragoa, hamabi bat urtekoa, lodia eta zikin samarra, harroputza eta mespretxuzko keinua erakusten zuena; bestea, txikiagoa eta mehea, irribarretsu agertu zen. Lodiak erromantzez lehor esan zion beraiekin joateko. Ukuiluan sartu ziren eta simaurra kentzeko eta garbitzeko agindu zion mutil lodiak, berak lana zuzentzen zuen bitartean. Gurdi txiki batean bota behar zituen gorotza eta lasto zikina mutil txikiaren laguntzaz. Gurdia bete zutenean, bi hagetatik hartu eta lodiak simaurtegia erakutsi zien besteei. Gurdia eraman zutenerako lodia desagertu zen, lanarekin jarraitzeko esan ondoren. Txikiak orduan galdetu zion izena. Azenarik ez zion ongi ulertu eta bestea konturatu zen ez zuela erromantze hura ongi ulertzen. mutilak pixka bat kostata esan zion euskaraz, bera Blasko Bernardez zela, zortzi urte zituela, eta lodiaren izena Muño, hari ez egiteko euskaraz. Azenarik bere izen eta jatorriak adierazi zizkion poliki-poliki bestearen aurpegiagatik bere familiaren berri zuela ikusiz. Azenarik, ahal bazuten euskaraz mintzatzea eskatu zion. Mutilak hiketan ongi jakinen ez zuela konturatuta zuketan zuzendu zitzaion. –Erromantze hau zailtasunez ulertzen dut eta eskertuko dizut euskaraz egitea –gauzak argi utzi nahi izan zituen–. Ez du garrantzirik enekotarra izateak. Ez dut horretaz hitz egiteko gogorik. Mesedez, konta iezadazu denbora izanez gero hemengo bizitzaren berri. Baina hasteko, esadazu mesedez gaur zer egin behar dugun. –Gaur simaurra garbituko dugu, gero Remiro fraidegaien maisuak esango digu zer gehiago egingo dugun. Goizetan maisuak eskolak ematen dizkigu: latinak, otoitz desberdinak eta Done Benitoren kapituluak eta arauak ikasarazteko. Gogorrena da Maitin, Laude eta Primetan esna egotea. Ez digute janari askorik ematen baina goserik ez dugu pasatuko. Baina..., lanean jarraitu behar dugu, bestela Muñok joko gaitu. Lasai, dena azalduko dizut. Lagun onak izango gara. Simaurretan jarraitu zuten. Bat-batean, kanpai hotsa entzun zen eta bi mutilak ukuiluaren sarreran jarri ziren elizari begira errezatzen. Nona ordua zen, arratsaldeko hirurak aldera, eta bakarrik lanik gabeko fraideak sartzen ziren elizan. Besteek, lanean zirenak alegia, zeuden lekuan bertatik otoitz isila egiten zuten, eliza barnean hiru salmo errezatzen ziren bitartean. Haiek, lanera itzuli zirenean, Muñorekin topatu ziren, atarian bertan. Honek lanera itzultzeko oihuak bota zizkien, jarraian goitegian belarren artera ezkutatzeko. Beste hiru orduz jarraitu zuten lanean, atseden eskasetan bi hitz eta ur trago bat egiten zuten bitartean. Lan asko egin zuten, dena txukun eta lasto berriez estalita utzirik. Bezperetako deiarekin batera tresnak utzi, azkar garbitu eta elizara sartu ziren komunitate osoarekin batera. Artean, egun argitan apirilean zirelako, elizaren harriak urrezkoak izan balira bezala mundu magiko bateko imajina eta doinuak zirela ematen zuen. Leku guztietatik agerturiko monjeek elizako postuak bete zituzten. Berrogei bat fraide nagusi eta hamar izangai ziren. Hiru gazteenak atze-atzean ziren, beste zazpi gazteen atzetik. Zerien izerdi usainagatik ezagun zen lan neketsuetan ibiliak zirela. Batzuek begiratu irribarretsu edo maltzurra bota zioten berriari. Ofizioa hasi zen: “Deus, in adiutorium meum intende. Domine ad adiuvandum me festina. Gloria Patri, et Filio, et Spiritui Sancto. Sicut erat in principio, eta nunc et semper, et in saecula saeculorum. Amen. Alleluia”. Gero, Himno bat, salmo batzuk, berriro “Gloria Patri...”, Bibliaren irakurketa bat, Magnificat-a, Aita Gurea eta azken otoitza. Lehenengo aldia zenez, ez zitzaion oso luzea egin. Kantuek sorginduta zuten mutila. Bizitza aktiboa maite zuen mutilak ez zuen uste fraideak eta latinak jasanen zituenik eta hala ere, gustukoa izan zitzaion otoitzaldi hura. Gogogabeturik egonda ere, otoitzek eta bereziki abestiek jasangarria egiten zioten sentitzen zuen pena. Elizatik atera zirenean ilunduta zegoen. Atseden momentu hartan, Blasko hurbildu zitzaion eta esan zion bazituela berarendako beste jantzi aproposago batzuk. Arratsaldean eman behar zizkioten, baina Muñok ez zuen mesede hori egiteko gogorik izan. Fraidegaien logelara joan ziren eta atorra beltz zabal bat, belaunetaraino heltzen zena, latza baino latzagoa zenez, lihozko barne arroparen gainean jantzi zuen. Eskerrak barneko arropa gehiago zuela, bera ez baitzen pobreak bezala arropa latzetara egina. Oinetako handi batzuk, fraideen soinekoa eta hura lotzeko soka bat eman zizkion. Ordura arte jantzita eraman zituen jantziak morroiak utzitako zakuto batean sartu zituen eta ohatilaren buruan utzi zituen. Goitik behera beltzez jantzita ikusi zuen bere burua, fraideek janzten zuten bezala ia, escapularium edo kutun baten faltan. Segidan, joan ziren ukuilura To txakurra ikustera. Bera zen beste bi mastinekin batera monasterioa gauetan zaintzen zuena. Egun hartan fraide batek eraman zuen herrira egin beharretara. Zakur handi, gazte eta alaia zen To, horizta kolorekoa. Gustura hartu zituen Azenariren laztanak. Ezin zuten sokatik askatu ezta ingurura eraman. Blaskok jartzeko agindu zion bi aldiz eta hirugarrenean lortu ez zuenean tristatu zen. Azenarik hezur puska kendu zion Blaskori, zakurrari erakutsi, eskuarekin irmo baina goxo lurrera etzanarazi zion animaliari hiru aldiz, etzan hitza ahoskatuz eta hezurra begi aurrean lurrera eramanez. Laugarrenean ahots ozen eta lasaia erabiliz “etzan” erran eta hezurrarekin beherako keinua egin zuenean zakurra eseri zen. Berriro egin zuenean, hezurra eman eta laztandu zuen ongi egin zuela erranez. Blaskok ere laztandu zuen gustura, aurrerantzean nola egin behar zuen konturatuta. Jolasean aritu ziren puska batean elizakoa ez zen beste kanpai hots apalagoa entzun arte. Afaltzeko ordua zen. Denak jarri ziren beren lekuetan isilik eta priorearen otoitzarekin bat Jainkoari eskerrak eman zizkioten. Gero, fraide baten irakurketa entzun artean, isilean, morroi batek barazki zopa banatu zien katiluetan eta beste batek ogi bana eman zien. Ura edalontzietan zeukaten eta nahi zuenak hartu ahal izan zuen beste katilukada erdi bat barazki. Ez zuten haragirik hartu, baina ez ziren gose izan. Patiora atera ziren paseatzera. Handik gutxira Konpletak izan ziren, berriro “Deus, in adiutorium meum intende. Domine ad adiuvandum me festina. Gloria Patri, et Filio et...”. Ofizioak jarraitu zuen, amaigabe. Noizbait bukatuko zen. Logale zen. Loaldi ederra egitea espero zuenean, Blaskok berri txarrak eman zizkion. Gauean, gosaria baino lehen hiru aldiz altxatuko ziren otoitzetara, “Maitin, Laude eta Prima” otoitzaldietan. Isilik joan ziren oheratzera. Zaharrenek ez zieten gazteei hizketan utzi, ezta Azenariri ongi etorri egiten. Berehala loak hartu zuen mutila; baina bultzaka esnatu zutenean, hamar minutu ere ez zirela pasatu iruditu zitzaion, bi ordu pasa zirenean. Gau erdia zen. Begiak ezin irekiz jarraitu zituen beste fraideak eskaileratik behera, patioa zeharkatu eta elizako bere lekura heltzeko. Han, Maitinak ospatu zituzten. Luze baino luzeago egin zitzaion otoitzaldia. Automatikoki ibili zen berriro Laudeak jotzean. Zutik egon behar zuenez ez zen lotan gelditu, erdi lotan bai. Salmoek oihartzun egiten zuten elizaren kupula eta sabai borobilduan eta lo kantak balira bezala beste mundu batera eramaten zuten Azenari. Fraideen kantuak are gehiago sorgintzen zuen. Automatikoki itzuli zen logelara eta etzan baino lehen zen lotan. Prima-ra berdin joan eta ibili zen. Goizeko haize freskoak esnatu zuen baina ez zion lotarako gogoa erabat uxatu. Bost ordu eskas baino ez zuen egin, gutxiegi ohitura zuen zortzi orduen aldean. Ondoko komuna luzean egin beharrekoak egin eta aska batean egin zituzten garbiketak. Bukatzean gosari beroa zuten esperoan: katilukada handi bat behi-esne, ogia eta urdaia. Gogoz eta gustura gosaldu zuten. Handik aurrera Azenariri gogorra egin zitzaion ordutegi eta gaueko ofizioetara ohitzea. Are gogorragoa izan zen fraidegaien maisuaren irakaspenak jarraitzea. Gosaritik ordu erdira scriptorium ondoko eta ukuiluaren gaineko gela txiki batean ziren ikasle guztiak maisuaren zain. Gela argitsua zen leiho estu baina anitzei esker. Udaberri egun argitsu hartan kontraleihoak irekita zeuzkaten. Mahai gainetan idazteko edo kontuak egiteko argizarizko oholak eta ziriak zituzten. Hiru mahai luze zeuden. Fraidegai gazteak lehenengo mahaian eseri ziren. Zaharrenek burla egin zioten Azenariri. Sartu zenean, maisuak isilarazi zituen eta idazki batzuk kopiatzen jarraitzeko esan zien zaharrei. Berriaren etorrera aprobetxatuz ordenaren arauak errezitatu eta errepikarazi zien gazteenei. Horrela aritu ziren mutilak asper-asper eginda. Gero, gazteei testu batzuk kopiatzeko agindu zien eta batuketa eta kenketa batzuk jarri zizkien zaharrenei. Azenarik ia ez zuen azkar eta gaizki errezitatutako latin hura ulertzen. Errazago egin zitzaion idaztea antzeko ariketak eginak baitzituen etxeko apezaren aginduz. Konturatu gabe lotan gelditzen ari zen. Muñok ostiko batez esnatu zuen. Bukatzeko, berriro San Benitoren arauak adierazteko eskatu zien maisuak. Arauen 5. atala men egiteari buruzkoa zen eta maisuak behin eta berriz errepikarazi zien bati, beste bati edo guztiei batera. Memoriaz ikasi behar zuten eta Azeneriri esan zion hurrengo egunean berak errepikatu beharko zuela. Orduantxe Terciara deitu zuten eta denak eserlekutik altxatu eta ekialdera begira otoitz egin zuten, maisuaren esanak errepikatuz. Otoitzaldi labur hura bukatutakoan monjeek jarraitu behar zuten aurretik egiten zutenarekin. Fraidegaiek beste hiru orduz jarraitu zuten ikasten, idazten eta kontuak egiten. Ikasketak egitea ere lan egiteko beste modu bat zen. “Ora et labora” zen denek errepikatzen zuten leloa. Lana ere otoitz modu bat bezalakoa zen. Bizitzan bekatuengatik sufritu, penatu eta zigorra bete egin behar zuten. Goiz luzearen ondoren Sextara deitu zietenean, ikasgela utzi, elizan fraide nagusiekin batera errezatu eta bazkaltzera joan ziren. Otordu arina egiten zuten eguerdian. Atsedenaren ondoren, gehienek binaka edo talde txikietan bildu eta gauza arruntez mintzatzen ziren: nola sentitzen ziren, esamesak, osasun kontuak eta berri txikiak ziren gairik arruntenak. Azenari eta Blasko jantokiaren ondoan gelditu ziren hormaren kontra jarrita. Muño jantokiko txoko batean lo-kuluxka egitera ezkutatu zen. Arauek debekatzen zuten lo-kuluxka gazte eta osasuntsu egonez gero. Mutilek isildu zuten arau haustea eta amesten hasi ziren. Leku zoragarriak asmatu zituzten, mendirik altuenak, landa eta lurrik aberatsenak, baita hondartza bat ere bai, inoiz ikusi gabea bazuten ere. Beranduago, maiordomoak, erratza, ur-ontzi eta zapi batzuekin jantokia garbitzeko esan zien. Muño agertu zen lan itxurak egiten eta bukatu zutenean komuna berrirako txabola egiten laguntzen airtu ziren. Egurrak eta harriak pilatzen aritu ziren. Egun pare baterako lana zuten. Azenariri bizimodu hura oso gogorra egiten zitzaion. Gauean ez zuen aski lo egiten, goizean logale zen eta aspergarriak zitzaizkion maisuaren eskolak. Arratsaldeetan lan gogorra egiten zuen eta atsedenetan ezin zuen lasterka edo lo egin. Janaria gutxienekoa zen, baina txikitatik ohitura zuen behin betebeharrak eginda, nahi zuena egiten, edo ia; han, ordea, ez. Lagun bakarra zuen eta ezin zuen ezer atseginik egin. Ezin zuen korri egin. Ezin zuen barre edo are gutxiago algararik egin. Irria bera ere gaizki ikusten zen. Otoitza eta elizan kantua izaten zituzten atsegin bakarrenetakoak. Kantuak lasaitu egiten zituen. Latinak ikastea aspergarria izanda ere, ez zitzaion gehiegi kosta Azenariri. Hala ere, okerren-okerrena arau bukaezin haiek errepikatzea eta betetzea zen. Arauak entzun eta bete; eta ez betetzeagatik edo mintzatzeagatik askotan zigorra jasotzea besterik ez zuen espero Azenarik. Maisuaren eskoletan lotan gelditzeagatik edo batzuetan despistatzeagatik atsedenaldirik gabe uzten zuten. Bederatzi urterekin jakin-mina zuen mutilak, dena den abentura eta mugimendu gehiago behar zuen: zalditan ibiltzea eta borrokarako praktikak faltan sentitzen zituen. Egunak eta egunak pasa zituen horrela. Momentu desberdinetan priorearen begirada erreparatu zuen berarengan. Ez zuen inolako tratu berezirik izan, ez bazen pare bat alditan noble ezagun baten etorrerarekin, berari zerbitzatzea tokatzen zitzaionean. Hala ere, maiatza hasi eta egunak luzatzen ari zirenean monasterioko martxa aldatu egin zen nabarmen. Eskolak ez ziren udaldian goiz osoan luzatzen, arratsaldeko azken orduan baizik. Fraideek eta fraidegaiek kanpoko eginkizunak egin behar zituzten. Zaharregiak ez ziren fraideek nekazarien lanak zuzentzen zituzten edo monasteriorako ondasunak kudeatu eta zergak jasotzen zituzten. Fraidegaiek lan gogorrenak bete behar zituzten. Azenari eta Blaskori, gazteenei, bederatzi urte eskasekoak izateagatik betebehar arina tokatu zitzaien. Monasteriotik urrun, goi larretan zegoen etxola batean, ardiak zaindu behar zituzten. Goiko artegian, Liberto, adineko artzain batek lan egiten zuen gauetan ardiak zaintzen eta egunez gaztak egiten. Bi mutilek egunero legoa bat egin behar zuten ardiak jetzi eta zaintzeko eta arratsaldero gazta onduak monasterioko biltegira eramateko. Gustura egiten zuten lan hura. Mando bat utzi zieten gainera. Mando gazte, handi eta arin bat zen Bandi deitu zutena. Goizeko otoitza egin ondoren garbiketak egin, gosaria presaka hartu, eta egun osorako janaria zakutoan, Bandi gainean hasten zuten eguna. Azenari gainera, ibilia zen lan hartan. Hirurehun bat ardi gobernatzeko To zakurra eramaten zuten. Bizitza aldatu zitzaion Azenariri. Inoren agindurik gabe, nahi zutena egiten ahal zuten ardiak zainduz gero. Bandi trosta bizian jartzen zuten eta haga luze batekin txorimalo baten kontra jotzen zuten. Azenarik, eskuz egin ondoren, ezpata eta azkonak erabiltzen erakatsi zion Blaskori. Ehizatu ere egiten zuten tranpa eta arkua erabiliz. Mendiko goi-larreetan lagunak eta ez hain lagunak egin zituzten. Beste mutilak bi taldetan banatzen ziren, Cardenasko euskaldunak, monasterioaren menpekoak eta Pazuengokoak. Pazuengokoek erromantzea erabiltzen zuten maiz, gehienek baskoiera ulertzen bazuten ere. Uda eta udazkenean zenbait alditan, mutilak txandaka talde jokoan ibili ziren. Udazkenean lagunak batak bestearen sekretu eta asmo inkontzienteak ere asmatzen zituen. Behin honela esan zion Blaskok lagunari, konfiantza osoz azken aldian erabiltzen zuten hiketan: –Azenari, hi ez haiz fraide izateko jaio. Lehen edo beranduago joanen haiz monasteriotik. –Bai, ez zaidak otoitzez betetako bizitza gustatzen, baina ez diat asmatzen nola lortuko dudan! Hi etorriko al hintzateke nirekin? –Ez zekiat nola, baina noizbait zaldun baten bizitza eramanen duk. Nik, ordea, ez nauk armetarako oso trebea eta badakik scriptorium-eko lana gustatzen zaidala. Horrelako solasak izaten zituzten. Bitartean ardiak zaintzea zen beren ardura eta noizean behin beste mutilekin egiten zituzten jolasak eta denbora-pasak. Baina gustura egiten zutena, bi lagunak elkarrekin hizketan egotea zen edo mando-zakurrarekin dibertitzea. Muño gutxitan topatzen zuten, gaueko otoitzak egiten edo logeletara joan-etorrian ez bazen. Muñori, fraide maiordomoari laguntzea egokitu zitzaion eta egun osoa mandatuak egiten pasatzen zuen monasterioan edo inguruetan. Donemiliagako bizimodua berriro aldatu zen negua heldu zenean. Goiz luze aspergarriak ematen zituzten arauak eta otoitzak ikasten. Noizean behin, txandaka, sriptoriumean laguntzen zuten pergaminoak prestatzen edo testu errazak tinta beltzez idazten. Azenarik eta Blaskok, artean gazteak izanda ere, beste batzuek baino garbiago eta hobeki egiten zuten lan hura. Fraide eskribauak, prioreaz gain lau ziren, haietako bi marrazkilari eta margolari onak. Denek miresten zituzten Joakinek egindako fantasiazko animaliak, deabru eta pertsonaiak; Arnolfok, aldiz, paisaia ederrak egiten zituen. Scriptorium hartan Azenarik libururik miragarriena ikusi ahal izan zuen. Beato deitzen zuten eta idaz-gaiak Done Joanesen Apokalipsiaren Komentarioak ziren. Pergaminozko orri haietan irudi miragarrietan, aingeruak, deabruak, bekatariak, santuak eta birjinak agertzen ziren. Jainko ahalguztiduna zeruetan agertzen zen munduaren akabera zuzentzen. Liburuen artean ere baziren Codex batzuk. Liburu haietan latinezko idazkien ondoan, bazterretan, zalantzazko hitz edo adierazpenen ondoan latinez eta batzuetan erromantzez edo baskoieraz idazleek azaltzen zuten esanahia. Negua luzatu ahala, nolabait, monasterioko bizimodua gero eta astunago egin zitzaion Azenariri. Done Benitoren arauak une guztietan ziren agerian: zer eta noiz jan ahal zituzten hainbat jaki edo noiz egin barau; noiz eta nola egin behar zuten otoitz; nagusiei zor zitzaizkien ohoreak eta haiei men egin beharra; aginduak betetzeko beharra; isiltasuna gordetzeko agindua; gutxi jatea eta gutxiago lo egitea... Ezerengatik, huskeriengatik izaten ziren zigorrak. Azenariri jasanezina zitzaion ia dena. Blaskorekin zuen harremana, lan fisiko gogor gutxi batzuk eta scriptoriuma izan ezik, gainerakoa lan aspergarria eta otoitz egitea zen. Lana eta otoitza. “Ora et labora”... Dena errepikakorra eta aspergarria izan ez balitz, jasanen zuen. Oraoraora et laboraoraora. Garai hartan faltan sentitzen zituen aita eta ama. Eskerrak haiekin “hitz eginez” lasaitzen zela pixka batean. Etxekoak oroitzen zituen: izeba Santxa, Eneka, Belasko, Fortun eta osaba Antso; Semeno eta Semeño osaba-anaiak ez. Lagunak ere askotan zituen gogoan, Otsoa bereziki bere adiskidetasun alaiarekin, baina baita Gille, Fortun eta Antso printzea. Eskerrak Blasko ondoan zuela. Hurrengo urteetan askotan gertatuko zitzaion maite zituen pertsonez oroitzea, baina inoiz negu hartan bezala. Udaberriaren hasieran, baina artean eguraldi txarra zutenean, Azenarik dena mekanikoki egiten zuen. Benedictus prioreak egoeraz jabetuta, ahal zuenean Azenariri deitzen zion scriptoriumean gehien gustatzen zitzaion eginkizunean berari laguntzeko edo Blaskorekin batera herrira bidaltzen zuen mandatuetara, bere arimarako aringarri. Dena den, espero zitekeena gertatu zen. Azenari gaixotu egin zen. Sukarrak eta hotzeriak hartu zuten eta loak ere bai. Amets gaiztoetan munduaren akabera zela erraten zuen. Eta orduantxe, abisurik izan gabe okerrena gertatu zen. Almanzor agertu zen Donemiliagako santutegian bertan, dena sutara emateko. 16 - Al-Andalus. Kordobara bidean. Azenari esnatu zenean, hasieran ezin izan zituen begiak ireki. Arrosaren usaina etorri zitzaion gogora lehendabizi, intsentsuarena gero, eta arkume errearena azkenik. Gose zela konturatu zen. Burua altxatu nahi izan zuen eta min sakon batek gerarazi zuen. Begiak ireki zituen. Oihal zati koloretsuak ikustean denda batean zegoela egiaztatu ahal izan zuen. Hamar-hamabi bat pauso luzeko zabalera zuen dendak eta baziren alfonbrak, bordatuak, luxuzko kutxak, mahaitxoak eta kuxin piloa ere bai. Hamar bat emakume gazte eta beste hainbeste haur txiki ziren. Esklabo ziren, Almanzorren arpilaketan hartutakoak. Bera ere esklabo bat zen… Konturatu gabe konortea galdu zuen. Berriro esnatu zenean ez zuen oroitu non eta nor zen. Buruko minak ez zion argi pentsatzen uzten. Eskua mugitu zuenean kopetatik zapi bustia erori zitzaion eta konturatu zen bere egoeraz. Gaixorik zegoen. Bizpahiru egunez sukarrak eta minak jota ibilia zen kamaina hartan. Orduantxe gogoratu zuen, gaixoaldiaren hasieran Donemiliagako fraidegaien logelan zegoenean, Almanzor, musulmanen buruzagia, lurralde osoa arpilatzen ari zela. Amets batean bezala oroitu zituen monasterioan bertan borroka eta gerra hotsak, erre usaina eta baita moro batek bere zaldira zaku bat bezala bota zuela. Trosta luze-mingarria jasan ondoren, kanpadenda handi batean sartu eta beste gazte, emakume eta ume pilen artera bota zutela ere oroitu zuen. Bat-batean bere gauzarik preziatuenak galdu ote zituen pentsatu zuen. Brusan zeukan barneko poltsiko batean amaren orrazia eta aitaren labana txikia zeuzkala baieztatu zuen. Lasaitu ederra hartu zuen. Nola edo hala arroparako kutxa handi baten kontra jarri zuen bizkarra. Dendaren sarreratik hurbil, kanpotik haragi errearen usaina zabaltzen ari zen. Han, zaindariek eunuko batzuk pasatzen utzi zituzten. Janaria banatzen hasi zirenean hamar bat urteko neska batek, katilu bat hurbildu zion ur freskoa eskainiz. Erromantze arrotz batez, keinuekin lagunduta adierazi zion zerbait. Ulertu ez ziola konturatzean edateko keinu nabarmenagoa egin zion. Ziur asko neska hark lagunduko zion konorterik gabe izan zen egunetan. Neska, txikia, mehea eta alaia zen, oreztaz beteriko aurpegia zuena. Ura edan ondoren, haragi goxoa ekarri zion ogi zapal batean. Goseak eraginda presaka jaten ari zelarik, inoiz ikusi zuen emakumerik ederrenak lasaiago hartzeko aholkatu zion. Baskoieraz ulertzen ziola konturatzean, Auria zela, Badaranekoa eta neskatoa Ana zela esan zion. Azenarik bere izen-abizena eta Donemiliagakoa zela esanez agurtu zituen irribarre batekin eskerrak adierazi nahian. Beste katilu batean, berde argiaren gainean berde iluneko landareak marraztuta zituena, ozpinetan ondutako barazkiak utzi zizkioten. Janaria erabat ezezaguna egiten ez bazitzaion ere, ez zen arrunta, bitxia eta arrotza baizik. Jakiek zapore berezia zuten. Pixka bat gehiago jan zuenean, lasaiago eta aseago, ingurura begiratu zuen. Emakume gehienak alde batean ziren elkar kontsolatzen edo eta beste bi emakume ume txiki batzuk zaintzen ari ziren. Ana eta Auria denen artetik pasatzen ari ziren eunukoek utzitako janaria banatzen. Emakume gazte eta neskatoez gain, ez zegoen mutil handiagorik, bera eta beste mutil mehe eta triste bat izan ezik. Komunera joateko gogoa izan zuenean, Anak dendako sarrera eta itxitura bat erakutsi zion. Bueltatu zenean beste mutila emakume baten atzean zegoen ezkutuan. Tristura putzu hartan apartekoena Auria zen. Hura emakume lirain, altua eta ederra zen. Aurpegi zuri-zurikoa eta ile luze gaztainkara, kriseilu baten azpitik pasatzen zenean gorrizta zuena. Buruko zapia lepo inguruan zuen. Hurrengo goizean komunetik pasa ondoren, garbitu egiten ari zenean beste mutilaren ondoan suertatu zen. Mintzatzen ari zitzaiola, lelotuta eta beldurrez zegoela ikusi zuenez, bakean utzi zuen. Auria hurbildu zen. Mutila gaizki pasatzen ari zela esan zion, haren gurasoak hil zituztela ikusi baitzuen. Azenarik aprobetxatu zuen galdetzeko. –Barka ezazu Auria. Esango didazu zer gertatzen ari den? –Auriak baietz buruarekin eginez irribarretsu galdetu zion: –Zer da jakin nahi duzuna, zure egoera zein den? –Egia esan, ez dakit zein den nire egoera eta kezkatuta nago –isildu egin zen momentu batez, eta jarraitu zuen–. Entzun dut Almanzor gaixorik dagoela. Ez dakit zer pentsatu. –Emakumeak eskua jarri zion beraren gainera. –Begira, nik ez dakit dena, baina jakin behar duzu gu guztiok handikientzat gorde gaituztela. Oraindik ez gaituzte aukeratu. Denda zuri hura Almanzorrena da. Jakin izan dut gaixotasun larria duela eta horregatik gelditu dela azzeifa. Musulmanek ez dakite zer egin, Almanzorren egoerak larri eta bakarrik sentiarazten baititu. Bitartean, inguruak arpilatzen eta janari freskoa biltzen ari dira. –Bai, baina gu Almanzorren esklaboak al gara? –Ez dakit ziur. Hala ere, jauntxo batzuk pasa dira egun hauetan begirada bat botatzera. Oraindik... –mutilaren aurpegian ikusi zuen larritasunagatik isildu zen. Dendaren sarreratik, beste denda handi haien arteko zelai ireki bat ikusten zen. Handikien dendak ziren haiek eta kanpamentuko gune edo plaza nagusiaren papera betetzen zuen lekua. Azenari sarreratik hurbil, gertatzen ari zenaz jabetu ahal izan zen. Almanzorren dendaren ingurua aparte samar zegoen, isiltasuna gorde nahi izan balute bezala. Zerbitzari bakar batzuek baino ez zuten sartu-ateraren bat egiten. Dendaren inguruan ez zen mugimendurik, urrutitik zaindari batzuek pasatzen galarazten zutelako. Beste bi dendetan, berriz, mugimendu handia zegoen, ahalik eta isilen pasatzen baziren ere. Ziur asko handiki haiek ziren agintzen zutenak, Almanzor gaixo zegoen bitartean. Handiki bat atera zen orduan denda zuritik eta pena handia nabaritu zitzaion, besteen aurrean tenteago eta aurpegi itxuratia jarri baino lehen. Abd al-Malik izena entzun zion denda kanpoko pertsona bati. Hura zen Almazor handiaren seme nagusia, bere eskuineko eskua. Almanzorri zaharreriaz aparte zerbait larria gertatzen ari zitzaion eta bere gerlariek beldurrak jota egon behar zuten. Abd al-Malik pertsonaia batekin elkartu zen. Beste gizona altua zen, bonbatxo eta atorra zuri baten gainean metalezko koraza bat zeraman eta kapa eta blusoi beltzak. Hizketa azkarra gurutzatu zuten bi gizonek. Orduan gizon altuaren aurpegi kezkatua ikusi ahal izan zuen. Litan-a, berbereen buruko zapi urdin iluna, sorbalden inguruan erdi erorita zeraman. Harrapariaren begirada zorrotza nabarmentzen zen aurpegi beltzaran eta litanaren tintez are ilunduago hartan. Begirada hark autoritatea adierazten zuen. Bi gizonak beste handiki batzuek inguratu zituzten. Agindu gutxi batzuk eman ondoren jaun haiek banatu ziren guztientzako agindu berriak ematera. Goizetik hasita kanpamentua jaso eta handik mugituko zirela garbi zegoen. Azenari eta dendako guztiei, bereziki han ziren eunukoei, dena behar bezala biltzeko eta gurdietan sartzeko agindua eman zieten. Arratsaldean, Azenari alfonbrak biltzen laguntzen ari zenean, norbait dendan sartzen sentitu zuen eta bueltatzean gizon beltzaranaren begirada zorrotza beregan iltzatuta sentitu zuen. Eunukoen nagusiei galdera pare bat egin zion eta mutilari baiezko keinua eginez, bueltatu eta joan zen. Jarraian eunukoak esan zion ongi portatzeko jaunarekin. Beste batek esan zion Zawi ben Ziri, berbereen jeneral eta buruak noizbait bere menpe hartuko zuela. Mutila zer pentsatu jakin gabe geratu zen. Auriak mutilaren ezinegona nabaritu zuenez, harengana hurbildu eta zer moduz zegoen galdetu zion. Azenarik, entzun gabe, galdetzeari ekin zion. –Ni ere eunuko bihurtuko naute? –Auriak kezka ulertu zuen eta adorea ematea erabaki zuen. Aukera hori txarrena izan gabe, ez zen bakarra. Gainera, zerbait aditu zuen buruzagi berbere haietaz eta gizon hari buruz. –Ez jarri txarrenean. Entzun dut gizon horiei ez zaizkiela mutilak edo eunukoak gustatzen. Beren emakumeentzat ere beste emakume batzuk nahiago dituzte zerbitzari bezala. Ez dakit zer lanetan jarriko zaituzten baina Zawi horrek ez zaitu adornu edo oherako nahi. Entzun dut ez duela ezta konkubinarik ere. Gainera, gaixorik zinen bitartean zabaldu zen zu Baskoniako leinu nagusi bateko kidea zinela eta horrek, ziur asko, bestelako interesak piztuko zituen gizon horrengan. –Nork esan du ni leinu nagusi batekoa naizela? Ez dut inor ezagunik ikusi orain arte. –Kanpamentuan, beste alde batean, Donemiliagako fraide batzuk hartu dituzte preso eta horiek eta beste batzuk galdekatu dituzte informazio eta ondasunen bila. Hemen gaude aukeratutako batzuk eta denok jakin genuen zu Baskoniako Azenari Enekones enekotarren leinuko premua zinela. Beraz, atera kontuak. Zurrumurruak zabaltzen ari ziren. Almanzorrek hirurogei urte baino gehiago zituen, adin dezente garaiarako. Diktadorearen egoera larria zen eta ez zen adinagatik, ezta momentuko makalaldi edo ondoezagatik, gaixotasun txar eta aspalditik okerrera zihoanagatik baizik. Erraten zutenez, karramarro deitzen zen gaixotasunak jaten zuen barnetik. Iluntzerako gauza gehienak fardel handitan zeuden bilduta eta gurdietan, lo egiteko denda batzuk izan ezik. Goizean animaliak zamatzea baino ez zen falta. Baina Azenarirentzat bitxiena berbereen buruzagiaren bisita izan zen. Zawi Ziri eta itzultzaile bat agertu ziren eta mutilari deitu zioten. Berehala bitartekariaren laguntzaz galdera batzuk zuzendu zizkion Zawik. Lehenengoa, ordea, Zawik berak egin zion zuzenean erromantzez, baina azentu hura, doinua hain zen berezia eta arrotza, ezen ez baitzion tutik ere ulertu eta Azenarik ederki erakutsi zion aurpegi eta jarrera bidez. Handik aurrera bitartekariari arabieratik latinera itzultzeko agindu zion, galdetzeari berriro ekinez. –Orduan ez al duzu erromantzea ongi ulertzen? –Ez... –Ez zuen jarraitzen asmatu. Zer esan? Denbora emanez gero, mintzaera horretara ere ohituko zela? Ez zen erromantzearekin trebea, baina jarraian entzunez gero, gehienetan ulertzen zituen mintzaera gehienak. Esan behar zion bere ahoskera arrotzegia zitzaiolako ez ziola ulertu? Isilik geratu zen. Galdera azkarrekin jarraitu zuen gizonak. –Eta zein hizkuntza erabiltzen duzu? Zein hizkuntzatan mintzatzen zara zure kideekin? –Baskoieraz eta latinez, baina... –Erromantzea ere zer edo zer erabiltzen zuela gaineratu baino lehen beste galdera bat bota zion. –Zu fraidea al zara? –Ez –Pixkana ausardiaz, bat ere beldurrik erakutsi gabe erantzuten asmatu zuen–. Fraideekin ikasten ari naiz, fraidegaia ere ez naiz –ez zion erran bere gogoz kontra ari zela eta ez zuela bere etorkizunez bat ere eskumenik, are gutxiago orduan preso edo esklabo hartuta. –Zenbat urte dituzu? –Hamar beteko ditut. –Nongoa zara eta zein da zure familia? –Iruñea, Banbiluna ondoko Uharteko jaunaren seme nagusia nauzu –bota zuen aita bizirik egon balitz bezala, bere premu eskubideak garbi egon balira bezala–. Enekotarren leinuko burua da gure aita. –Zein da leinu hori? Baskoien errege-familiarena? –Zerbait zekiela nabari zen. –Oraingo errege-familiarena ez. Enekotarrena Baskoniako lehenengo errege-leinua da. –Arabiera hizkuntza ikasteko eta ezkutari izateko prest al zaude? –Zuekin esklabo izan behar badut, bai. Prest nago eginkizun horietarako. –Armatan trebatzen eta zalditan ibiltzen hasi al zara? –Bai. Aita eta bere kapitaina, gerlariekin batera, zalditan eta arku, ezpata, lantza eta xabalina erabiltzen erakusten aritu ziren. –Niri eta Ziri, gure familia-leinuari, men egiteko arazorik al duzu? –Ez. Nire egoera honetan bat ere ez, desohorez tratatzen ez nauzuen bitartean. –Berberearen aurpegian irri imintzio bat pasa zen, ezkutatu nahi izan balu bezala. –Ongi da. Nire berri izango duzu. Oraingoz denda honetan jarraituko duzu. Medinacelin hitz egingo dugu pausatuago. Izan ongi. –Erantzunik espero gabe, agertu bezala atera zen ziztu bizian. Neila erreka ondoko kanpamentua utzita, hegoaldeko bidea hartu zuten. Erraten zutenez, Clunian geldituko ziren Almanzor sendatu arte. Bi eguneko bidaia zen eta gaua Hontorian pasatuko zuten. Hontorian armadaren parte bat kanpatuta zegoen aldez aurretik inguru haiek zaintzeko eta erraztasunak izan zituzten kanpamentua azkar montatzeko. Bidaia ez zen oso zaila izan. Mendate baxu bat baino ez zuten pasatu behar eta Almanzorrek, litera batean ongi jarrita, martxa motela ezarri zuen. Zortzi beltz handik eramaten zuten kontu handiz. Besteek, oinez, astoz, mandoz, zaldiz eta gurdien gainean, ez zuten arazorik izango hamar ordutan berrogei kilometro, zortzi bat legoa, egiteko. Eguerdian Arlantza errekaren ondoan geratu zirenean, zuhaitz batzuen itzalean etzan ziren gerlariengandik urrun. Zerbait jan eta edan ondoren, eunuko batek Almanzorri buruzko historia kontatzen hasi zen. Bera Errioxako Naiara inguru haietakoa zen jatorriz eta erromantze ulergarrian mintzatu zen. Poliki kontatu zuen gainera, denek jarraitzeko moduan. Almanzorren arabiar jatorria, ikasketak, zailtasunak eta administrazioan egindako lehenengo urteak kontatu ondoren animatu zen: –Berehala diruzain ona zela erakutsita, al-Hakam kalifaren emazte kuttuna zen Subb baskoiaren eta printzeen diruzain izendatu zutenean, postu handiagoetara igoko zela esaten zuten. Aurreko lanarekin jarraitu zuen eta kalifaren altxorraren diruzain izatetik habhid edo gobernu buru izatera heldu zen. Al-Hakam hil zenean, K.o. 976. urtean, al-Hisham kalifa umea zen orduan eta Almanzorrek etsaiak garaitu zituen. Administrazioa kontrolatu ez ezik, armadaren buru nagusia zen eta hogeita hiru urtetan berrogeita hamar kanpaina egin zituen kristauen aurka, beti garaile ateraz. Galib, erdiko markako mugako jeneral ahaltsuaren suhia bezala hasieran, eta gero harekin borrokatuz, botere osoa lortu zuen –etena egin bitartean orduko momentura salto egin zuen–. Inoizko administraririk onena eta garaiezina izan da. Al-Andalus aberastu eta bakean mantendu du. –Eunukoak momentu batez gelditu zuen azalpena. Gero, jendearen interesa ikusita, animatu zen eta esamesak ere kontatzeari ekin zion. –Esaten dute Galib-ek ezpatarekin ziztatuz madarikatu zuela, duela hogei urte botere osoa lortzeko egin zuten borroketan; baita al-Hakamek ere zerutik madarikatzen duela karramarroaren gaixotasunarekin eta horixe hazten ari dela bere barnean. Denak isilik geratu zirenean Auriak berak galdetu zion Zawi ben Ziri-ri buruz. Eunukoak esan zuen oso gutxi zekiela hari buruz, baina jeneral berberea beste batek ezagutzen zuela bi urte lehenago agertu zenetik eta gauean edo hurrengo egunean haren istorioa kontatuko ziela. Arratsaldean Hontoriara heldu zirenean, nekeagatik, ez ziren taldean hizketan geratu. Zerbait afaldu eta lotara joan ziren denak biharamunean arin mugitu eta abiatu ahal izateko. Hurrengo eguneko arratsean Cluniara iritsi ziren. Almanzorren gotorlekurik aurreratuena zen Gaztela inguruan. Clunian bi gau pasa zituzten. Almanzorren gaixoaldiak deuseztatu zuen ordura arte garaitua ez izateak ematen zuen segurtasuna. Abd al-Malik-ek, gerlarien segurtasun faltak kutsaturik edo armada babestu arren, leku seguruago batean gorde nahi zuen. Jeneral batzuek, aldiz, Zawi-k besteak beste, ihesari edo horren itxurarik ez emateko eskatzen zioten Abd al-Maliki, zeren eta Almanzor ez baitzegoen ezertarako. Cluniako gotorlekuaren itzalean lasaitasun momentu batean, Zawi ezagutzen zuen eunukoa eraman zuten haren-era, ordura arte beste esklaboengandik aparte. Esklabo kontalariak esan zien Zawiren zerbitzura jarri zutela, beste zerbitzari batzuekin batera. Garai hartan Kordobako kaliferriaren behar militarrak asetzeko kanpoko gerlariak, mertzenarioak, hartu zituzten. Haietako asko iparraldeko kristauak ziren; beste asko berbereak. Berbere sanhayarrak ordura arte omeyatarren kontrakoak ziren, kalifa fatimien aldekoak zirelako. Sanhayarren errege-familian arazoak izan ziren eta haietako asko al-Andalusera gonbidatu zituen Almazorrek. 1000. urteko udazkenean Zawi Ziri familia erdiarekin, bi mila gerlari eta jende gehiagorekin heldu zen Ifriqiyatik. Kontatu zuen bezala, berbere sanhayarrak, al-Rusafa ondoan kokatu zituzten, Kordobatik paseo batera, legoa erdi edo bi kilometrora. Alarifeak, egeltseroak alegia, etxeak egiten zituzten bitartean, gerlariak beren ariketak, mugimenduak eta arma praktikak egiten zituzten. Esan zuenez, gelariak eta bestelako morroi, esklabo eta familiak, osotara ez ziren hiru mila berbere han bizi zirenak. Gerlarietan mila oinezko eta beste mila zaldun, ziren zaldunik onenak askoren ustez. Eunukoa gehiago animatu zen. –Zawi Afrikako erregea izan zela zioten. Ziritar familia zen Afrikako emiratoan agintzen zuena, kalifa fatimitarren izenean. Zawi, familia horretako burua zen, gerlaririk handiena, baina familiako beste adar eta ahaide batzuekin gerrarik ez egiteko al-Andalusera etortzea erabaki zuen. Berarekin bi seme, Bulugin eta Osiris ekarri zituen eta Maksan bere anaiaren Salma alaba eta semeak, Habus eta Hubasa. Berbere sanhayar tribuen buruzagiak ziren –bat-batean tonua eta mintzatzeko modua aldatu zuen, orduko egoera kontatuz. –Gerlari hauek apartak dira oso. Trebeak dira armekin, denbora asko ematen baitute ekin eta ekin praktikatzen, ezpata, lantza edo arkuekin, bereziki zaldi gainean mugimendu bateratuak eta azkarrak egiten. Ausartak dira, baina oso burutsuak, zeren eta, ezbaitira borroketan larritzen, edo gehiegi ez larritzea lortzen dute. Anekdota bereziekin jarraitu zuen. Azenariri interesgarrienak egin zitzaizkionak Zawiren pertsonalitatearen adibideak izan ziren. Gizon erlijiotsuegia baino gehiago, zuzena eta baita zorrotza ere bazen, serioa eta familiakoen zaindari eta babesle sutsua. Esklabo eta zerbitzariekin atsegina. Familiako giroa gustatzen zitzaion, eginkizun arruntetan haiekin lasai egonez. Otorduetan berbere musika eta kantuak entzun arren, arabiar kulturarekin eta idazkietan ere lortzen zuen atseginik handiena eta denbora librean irakurtzen edo zientziaz solasean aritzen zen, nahiz eta arabieraz ongi azaltzen arazoak izan. Nolanahi ere, arabiar kultura miresten zuen munduko kulturarik aurreratuena zelako, garaiko argitasun bakanetakoa. Berriz atzera, Hontoriatik pasa ziren. San Leonardo eta Kalatañazorren izan ziren hurrengo geldialdiak. Kalatañazorren zeudelarik, jakin zuten gaztelar armada bat haiengana hurbiltzen ari zela. Armadako buru batzuek ez zioten garrantzirik eman nahi, baina beldurra zabaldu zen eta bide seguruenetik joatea erabaki zuten. Osman egin zuten hurrengo geldialdia, bidea ziztu bizian egin ondoren, gehienek bost bat ordutan egin zituzten bost legoa edo hogeita bost kilometroak, kalifa omeyatarren bandera zuri handiak mendixka gaineko gazteluan ikusi zituzten arte. Osman gaztelu handiaren babespean beste bi egun eman zituzten. Bigarren egunean, Azenari lehenengoz atera ahal izan zen denda hartatik. Itogarria egiten zitzaion eunuko eta haur txikien giro urduri eta negarti hura. Zawik gerlari bat bidali zion, harekin nahi bazuen herrira eta ingurura joateko. Zaindariak ez zekien berarekin hitz egiteko berberea beste hizkuntzarik, baina keinuka ederki adierazi zion, nahi izanez gero, paseatzeko aukera zuela. Musa zuen izena. Kanpamentua, gazteluaren magaletik iparraldera hedatzen zen. Gazteluko gailurra bisitatzerik ez zegoenez, Ucero erreka zubi batetik pasa eta bestaldean herria, eta harresiaren atari nagusiaren ondoan, azoka zegoen. Hegoaldean, antzinako hiri erromatarra zegoen goian, harrizko gain batean. Azokan, bertako nekazari batzuek jarritako produktu gutxi batzuk ikusten ziren. Jakietan, barazkiak aparte, saltzen ziren animalia gehienak oilaskoak eta arkumeak ziren. Artisau gehienak ez ziren bertakoak, armadarekin mugitzen zirenak baizik. Herrian ehun bat etxe zeuden. Bertako gehienak mozarabeak ziren. Musulman eta judutar auzoak zubitik hurbil kokaturik, mozarabeak urrutiago zeuden. Leku hura, kristauek konkistatu zuten ehun urte lehenago, baina Almanzorrek berreskuratu zuen eta meskitan bertako biztanle musulman gutxi batzuk eta gazteluko gerlari musulmanak biltzen ziren. Judutarren sinagoga, auzoa bezala, oso txikia zen, ez baitziren zortzi familia baino gehiago izango, denak merkatariak, oihal eta luxuzko bi postuetan ikus zitekeen bezala. Kristauen auzoko kale estuetatik sartu gabe ere ikus zitekeen etxeak buztinezko txabolak baino ez zirela. Kalexkak eta plazak jende pobrez beteta ikustean, han sartzeko gogoa galduta, aurrera, maldan gora jo zuen zaindariaren aurretik. Goian, harkaitzaren gainean, hiri erromatar baten aztarnak ikusten ziren. Harlauzez eginiko kaleak eta harrizko oinarri sendoak zituzten etxe arrastoak nabari ziren. Tartean zutabe ederrak agertzen ziren. Gailur hura eta gaztelukoaren artean arroila edo zintzur estu batetik pasatzen zen erreka. Iparraldean, lautada hartan urrunago uztondoko zereal-soroak zeuden, ardien bazkatoki zabalak. Urrutiko hortz-mugan, mendi-hegiak, gertuago larre-toki batzuk eta basoberak, edo zuhaitz gutxiko landak ikusten ziren; herriaren ondoan, berriz, baratzeak eta artaldeak biltzeko artegi handiak. Gazteluan, soldadu gehiago sartzen ari ziren. Han normalean ez ziren ibiliko hirurehun gerlari baino gehiago; orduan, berriz, kanpoko harresien barnean, beste bostehun oinezko eta berrehun zaldun geldituko ziren, Gormaz gotorlekutik eta Berlanga pasata, Medinaceliraino joanen zen armadaren erretiratzea babesteko. Bere ondoan zen gerlaria, bera bezala inguruari begira. Hark, denbora guztian ezer esan gabe, mutila jarraitu zuen isilik. Gizon gaztea, garaia eta mehea zen, berbere gazte gehienak bezalakoa, gihartsua dena den, eta portaera lasaia erakusten zuen. Ez zitzaion korazarik ikusten eta atorra-bonbatxo zabalak eta litan beltza zeramatzan. Ikusten zitzaizkion arma bakarrak gerrikotik zintzilik zituen sable arin-luzea eta sastakai handia ziren. Berari begira ari zela konturatzean, Azenariri irribarre egin zion eta harrizko paisai lehorra seinalatuz “Ifriqiya” hitza ahoskatu zuen. Mutilak ulertu zuen Afrikakoa gogorarazten ziola esan nahi zuela. Baietz keinua egin zion. Berbereak bere burua aurkeztu zion Musa zela berriro aipatuz. Begirada zuzenari begira, lagunen artean zegoela sentitu zuen eta bere izena ahoskatu zion. Musak modu berezian errepikatu zion: “Az-na-ri”. Osmatik atera zirenean, seguruago eta babestuta egin zuten bidea. Bordecorex erreka jarraitu eta Medinacelira heldu zirenerako, hamasei egun pasatuak ziren norabide ezberdinetan eta seigarren geldialdia zen Neila utzi zutenetik. Medinaceli, hiri militarizatu bat zen. Handik egiten zuten azken txanpa gerra-armadek, Gaztela, Baskoniako Errioxa, Aragoi edo Bartzelonako konderriko lurretara joateko. Erdiko markako gotorlekua eta kanpamentu nagusia zen. Alkazarra eta kuartelak handiak ziren, armada osoa eta behar zituzten material-tresna guztiak biltzeko modukoa. Goi lautada batean zegoen, Jalon bailara eta Zaragusta-Tolaitula bideak babesten zituena. Iritsitakoan, Almanzor goiko alkazabara, gazteluko saloietara eraman zuten gortina beltzezko litera ezagun hartan. Bi egun pasa zituzten Almanzorren berri berdinekin. Oso gaixo jarraitzen zuen. Hirugarren egunean, esklabo hartutakoak banatuko zituztela zabaldu zen. Gaua betiko dendan pasa zuten. Kanpamentua ere betikoa ematen zuen; baina ez, bazekiten beraientzat elkarrekin emango zuten azkeneko eguna izanen zela. Azken hamasei egunetan bidaian eginiko harremanak bereziak izan ziren. Ana, Auria eta Azenari, ahal izan zuten guztietan elkarrekin aritu izan ziren. Otorduak eta loaldiak ondo-ondoan eman zituzten, kezkak konpartitu zituzten, elkarri lagundu zioten gauza askotan eta bereziki maitasuna eman zioten elkarri. Batekin edo bestearekin, batzuetan talde txikietan pena sentimenduak eta adore solasak gurutzatu zituzten. Azenari, Ana eta Auriarekin egon zen arrats hartan azkeneko orduak aprobetxatzeko. Azenarik kontatu zien Zawirekin izandako solasa eta zekitenez neska eta emakumea Abd al-Maliken eskuetara pasatuko ziren, ziurrenez. Hamasei egunetan elkarrekin bizitzako momentu latzak konpartitu ondoren, Anak negar gogoari eutsiz esku bat jarri zion sorbalda gainean. Bere mintzairan poliki bota zion: –Azenari, agurtu behar dugu elkar. Pozten naiz Zawi horrekin ongi izango zarelako. Nik ez dakit nora eramango nauten, nor izango den nire nagusia. –Auriak hura entzutean, lasaitu nahi izan zuen. –Ikusiko duzu Ana, jaun handi batek, Malikek edo bere familiako batek hartuko gaitu bere emazte baten zerbitzari edo neskame izateko. Musulmanen artean neskameak gure andereak bezain ongi bizi dira, oihal ederrez jantzita, jaki goxoak jaten eta lan astunik egin gabe –Azenarik hitz egin zuen orduan. –Bai, baina zein izanen da gure etorkizuna? Ez zaituztet berriro ikusiko. –Lasai maiteak. Familia ahaltsu batzuen zerbitzuan sartuko gaituzte hirurok. Elkarren berri izango dugu. Kordoban familia nagusiek herri batean bezala bizi dira. Elkarrekin festak eta bisitak izaten dituzte. –Auriak besoetan hartu zituen bi gaztetxoak, bularren kontra estutuz. –Ez zaituztet ahaztuko –esan zuen Azenarik ahopeka. Lekutik mugitu gabe etzan ziren hirurak. Besarkatuta lotan gelditu ziren. Biharamunean, Azenari aparte utzi zuten eta jaun handi haien mandatariek aukeratu egin zuten esklaboen artean. Oso dotore jantzitako idazkari batek Ana eta Auria aukeratu eta eraman zituen. Azenarik eunuko bati, zein jaunek aukeratu zituen galdetu zion eta honek espero bezala, Abd al-malik-ek egin zuela aipatu zion. Beranduago, dendan emakume bat eta bi mutiko baino geratzen ez zirenean, Zawi itzultzailearekin agertu zen eta serioski galdetu zion Azenariri: –Egia al da zure etxetik bota zintuztela, zure erruz zure aita hil zelako? Ez al zinen zu zure leinuko premua? –Azenarik, malko bat eskapatzen zitzaiola eta zotin bat eginez, begiak itxi zituen eta ezetz adierazi zuen buruarekin. Isilik segundu batzuk pasa ondoren Zawiri zuzen begiratu eta honela erantzun zion: –Ez nizun gezurrik esan. Agian zure galderei oso erantzun orokorrak eman dizkiet. Aitaren galera oraindik sentitzen dut, amarena bezala. Urte bat da hil zirela bata bestearen atzetik. Aita, zaldi batetik erori zen eta buruan kolpe handia hartuta hil zen handik bi egunera... –etena egin zuen–. Oraingoz gure etxeko nagusigoa hartu duen osaba Semenok gorroto nau. Gizon gaiztoa da. Maite duzun pertsonaren heriotzaren errudun egitea ere! Nik, leporatutakoaz haserretu nintzelarik, haren kontra hitzez eta ekintzez errebelatu nintzen eta gogorki erantzun niola aprobetxatuz Donemiliagara bidali ninduen beraren hitzetan onbideratzeko... Gezur galanta hori guztia. Enbarazu egiten nion eta baztertu ninduen. Niri dagokit premu izatea. Osaba horrek berarentzat edo nire anaia txikiarentzat nahi du leinuaren nagusigoa. Gainera, osaba Fortunek, mugako zerbitzuetan ibili denez, oraindik ez du ezer esan –berriro isildu zen eta jarraian hauxe bota zion: –Ez dakit aukerarik dudan, baina ahal izango bazenu... Nahi baduzu mandatari bat bidaltzen ahal duzu Uhartera osabarena ez ezik beste guztien lekukotza izateko. Gure herritik erromesak pasatzen dira Donejakuera eta ziur erromantzez dakien morroirik izango duzula... –Ongi da. Aski –Zawik ez zion jarraitzen utzi–. Zuk diozuna ere entzun dut Donemiliagako fraide eta morroien ahotik. Lasai zaitez, sinesten dizut. Orain zin egin ezazu, ziritarron kontra inoiz ez duzula ezer egingo –Azenarik harrituta, zin egin zion. Zawik jarraitu zuen mintzatzen. –Esan behar dizut nire iloba Habusen zerbitzuan ibiliko zarela. Bera da ziritarren beste buru nagusia. Beraren laguna izango zara. Berarekin batera arabiera eta kultura arabiarra ikasiko dituzu. Ez erabili berarekin erromantzerik. Gerlari izaten ikasiko duzu. Lagun ona izanez gero, egun batean libre izango zara –orduantxe arazo bat bururatu zitzaion Azenariri eta adierazi zuen. –Barkatu Zawi jauna, baina hitz eman dizut ez dudala zure familiaren kontra eginen. Erran behar dizut ez dudala nire familia edo Baskoniako gerlarien kontra ere borroka eginen. Ezin izanen nuke. Ez naiz orain arte konturatu –Hark gizon ahaltsu eta mutiko baten arteko solasa baino, bi pertsona helduena zirudien. Zawik irribarrea ezin eutsiz onartu zion. –Aznari, lasai. Ulertu eta onartu egiten dizut zure eragozpena. Formalki ez zara pertsona libre. Hala ere, ez zaitut esklabo bezala hartuko, denbora batez gure zerbitzura izango den mutil ezkutari bat bezala baizik. Nobleen arteko hitzarmena da hau. Gure artean zaldun bihurtuko zara. Gu ere familia gorabeherak direla-eta, arazoak izan ditugu –elkarri begiratuta, Zawik eskuineko eskua luzatu eta buru gainean jarri zion, Azenari bere babespean hartuz. Mutikoa orduan konturatu zen ez ziotela musulman bihurtzeko eskatu. –Zatoz, Aznari ben Enneg al-baskuni –Zawiren dendatik hurbil zegoen kanpadenda batera eraman zuten. Denda txiki hartan morroi asko biltzen ziren, denak espazio estuan. Zeuzkan arropa gutxiak kamaina baten buruan uzteko esan zioten eta sukaldariaren agindupean jarri zuten segidan. Almanzor larri zegoen eta hilzorian. Dena den, agintariaren faltaren aurrean istiluak eta arazoak izan zitezkeela pentsatuz, Almanzorrek berak semearekin hizketan egunak eman ondoren, Kordobara bidali zuen Abd al-Malik, Kordoba hiriko biztanleak eta Hisham kalifa bera kontrolatzera. Hurrengo egunean, abiatu ziren Toledora, Tulaitula arabieraz. Almanzorren seme nagusiarekin batera, bere ondorengoarekin, Zawi, bere berbereak eta beste mertzenario batzuk abiatu ziren, Almanzorren heriotzaren berria zabaldu aurretik. Bi mila zaldunek martxa bizian agertu behar zuten algarak eta istiluak sortu baino lehen. Abd al-Malikek boterea segurtatu nahi zuen ahal izanez gero odolik bota gabe, jassa, familia arabiar garrantzitsuek eta omeyatarrek botere aldaketa gauzatu eta bultzatu baino lehen. Mila gerlari sinhayarrek zirrara handia sortzen zuten: arropa beltza airetara, durbante beltzek ere aurpegia estaltzen zieten. Defendatzeko, larru gogorreko korazak eta ezkutu borobilak zeramatzaten eta ezpatez gain, arku bihurriak eta karkax-ak geziz beteta, eskura saifak, sableak eta xabalina pare banat. Armadako zalduneriako gerlaririk hoberenak eta beldurgarrienak ziren, bai berbereak baita armadura astuna zeramaten kristau taldeak ere. Beste zaldun taldea jatorri desberdinetako kristauena zen. Jakin zuenez gehienak galliki, galegoak eta frankoak, haietako batzuk kataluniarrak ziren; baina baziren leondar, gaztelau eta baskoi banaka batzuk ere bai. Azenariri debekatu zioten haiekin harremanak izatea. Mendialde bat gurutzatuta, Henares erreka jarraitu zuten, Siguenza, Guadalajara eta Alkala hirien bidetik Tajo ibairaino Toledora iristeko. Zaldi eta mandoetan hiru egunetan egin zuten bide hura. Azenarik Abdul sukaldariaren beste bi laguntzailerekin lana egin behar zuen janaria prestatzen laguntzeko. Haiek gutxienez hirurehun gerlarirentzat egin behar zuten lan. Beste bi sukadari taldeek egiten zuten lan Zawiren menpeko ia mila berbereentzat. Otordu bero bakarra eguneko ibilaldia bukatzean antolatzen zuten, normalean eskura zituzten elikagaiekin zopak eta haragi gisatua edo errea. Espezie asko erabiltzen zuten. Bukatzeko, frutak eta gailetak izaten zituzten. Gosaltzeko, gaueko eta aurreko eguneko otorduan sobratutakoa, orduan hotz hartzen zuten eta eguerdian edo atsedenean ur asko eta ogiarekin, keztatu edo gatzatutako haragia, normalean ardikia edo behikia, gazta eta nahi adina olibak. Jakiak armadako kuartel anitzetan lortzen zituzten. Urteroko espedizio handiek behar zituzten mota guztietako gauzak hornitegi eta biltegi handietan pilatzen ziren. Azenariren lan nagusia egurra bilatzea zen. Bidaia beste morroi batekin mando baten gainean egiten zuen eta beti zakuto bat edo beste eraman behar zuten. Gurdi bakanak txikiak eta arinak ziren bidaiaren abiadura ez oztopatzeko modukoak. Horietako batean, sukaldariarenean, tresneriak, denda eta jaki batzuk garraiatzen zituzten eta morroiak sukaldariaren atzetik mandoetan ibiltzen ziren. Azenarirekin zebilen beste mutila, Amin, handiagoa zen, langilea, baina inteligentziarik gabea eta on puska. Denagatik egiten zuen barre, baina arazorik ere ez zuen inoiz sortzen. Zakur handi eta onkote bat bezalakoa zen. Mandoaren aurrean jartzen zen Azenari eta Amin ia mandoaren hanka gainean bere erromantze farfail isilean ia ez zuen molestatzen. Horrek denbora ematen zion Azenariri pentsatzeko. Azenarik ez zekien nolakoa izango zen bere bizitza, ez baitzuen musulmanen arteko harremanez ideia handirik. Bere adineko noble berbere batekin gerlarien trebeziak eta arabiera ikasiko zituela bertzerik ez zekien. Ezkutariarena izango zen bere postua eta maila soziala, ez zela esklabo pentsatzeko modukoa. Bertze herri eta kultura batean ikasiko zuen, bere herri eta kulturatik urrun. Bertzela ez zitzaion desatsegina egiten, osaba Semenorekin pasatakoa eta fraidegaien bizitzarekin konparatuz. Latina ere ez zuen erabat baztertuko. Arabieraz ez zekien, baina zizareen hizkiak eta ahoskerak erakutsi zizkioten Donemiliagako Scriptorium-ean, liburu artean eman zituen neguko arratsaldeetan. Hitz batzuk, agurrak, konplimenduak eta hainbat esamolde ere ikasiak zituen. Kristauen arteko kultura gizonek ikasten zuten kultura arabiarra. Tulaitula, Toledo arabiarren hizkeran, Tajo ibaiak inguratzen zuen hiri handia zen. Guadalajara ere handia eta arrotza iruditu zitzaion, bere alminar eta muezinen deiekin; gizonen jantziak, beti zapiak buruan eta emakumerik gabeko zoko edo azokak zirela-eta. Hala ere, Toledok ez zuen konparaziorik, arrotzaz gain miragarria ere suertatu zitzaion Azenariri. Al-Andaluseko erdiko markako hiriburua zen. Jakin zuenez, 40.000 biztanle zituen hirugarren hiririk handienak. Tajo ibaia Ebro bezain boteretsua zen. Toledora heldu baino legoa batzuk lehenago al-munia edo nekazal etxalde eder asko ikusi zituzten, zuri-zuriak paisaia berde aberatsean. Al-munia haiek handikien atseden tokiak ziren. Jauregien inguruan parke eta lorategi ederrak izaten zituzten. Horma altuek pribatutasuna gordetzeko inguratzen zuten. Bestela ere, lerro zuzenez jarritako mota guztietako fruitu arbolak, barazkiak eta bestelako soroak ikusten ziren. Horrenbeste aberastasunek ordu gutxitara hiria zegoela iragartzen zuten. Ipar-ekialdetik hiriaren harresi izugarriak ikusi zituzten. Azenarik, Tajo ibaia lehenago pasatua zuten handikiak ikusi zituen urrun, Abd al-Malik eta Zawi tartean, omeyatarren ikur erraldoi zuriak airean, bab al-Qantara, zubiaren ataria gurutzatzean eta al-Qazarrera sartu zirenean. Haiek, beste guztiek, al-Shakra, La Bisagra erromantzez, ataritik hurbil jarri zuten kanpamentua. Berehala agertu ziren armadako hornitzaileak. Gauza arrunta eta azkarra zen operazioa, handik urtean bitan armada oso bat zaintzeko ohitura baitzuten, bai iparralderako bidean, baita bueltan kanpainak bukatutakoan. Sukaldari-k, hala deitzen baitzuten beti, Toledon barna, Alkazarraren ondoko hornitegietara bidali zituen Azenari eta beste bi morroi, falta zitzaizkion jaki batzuk gurdian ekartzeko. Bisagrako kontrolak eta nahasmenduak ordu bat galdarazi zieten. Atari erraldoia pasatu, kalerik zabalenetik joan behar bazuten ere, jende eta zamarien kopuruagatik estu eta itogarria gertatzen zen pasatzean. Jende-uholde koloretsua gertatzen zen hura. Musulmanen boneta eta txanotxo zuriek , judutarren txano horiek, kristauen txano ilunek eta berbereen durbanteek aniztasuna erakusten zuten, hizkuntzarena bezala. Toledo, al-Andaluseko hirugarren hiririk populatuena zen, Kordoba eta Isbilaren atzetik eta Zarakusta aurretik. Inguruan nekazari gehienak kristauak ziren, mozarabeak. Familia noble eta aberatsenak, ordea, arabiar jatorriko gutxi batzuk ziren, beraien inguruan jatorri hispanikoko musulman muladiak izaten zituztenak. Ondoren, hirian muladien pare, gutxiengo judutarra zegoen, merkataritzara emana. Azkenik, berbereak zeuden, nekazari eta gerlariak ziren gehienak. Alkazar aurreko plaza ikaragarriraino joan behar zuten, Zokodober deitzen zutena. Animalia aukeratuen azoka zen, ziur asko penintsula osoko handiena eta ostegunetan ospatzen zena. Lurralde hartan abeltzaintza zen jarduera nagusia. Lisboatik Guadalajararaino eta Gaztelako mugetatik Sierramorenaino hedatzen zen merkatu horren eragina eta leku horietatik eta urrutiagotik agertzen ziren tratulariak. Zokodoberren jaki eta tresnak, gai arruntaz gain, luxuzkoak saltzen ziren: oihal eta bitxien postu ikusgarriak. Osteguna ez bazen ere plazan zaldi batzuk saltzen ari ziren. Luxuzko zaldiak ziren, ordea, asteko edozein egunetan aurki zitezkeenak. Lusitania eta Betikatik, baita Toledotik gertu iparraldeko mendizerretatik, Gredosetik bereziki, zaldi arabiarrak eta berbereak, hispanikoak eta nahasiak ekartzen zituzten. Ez ziren kristauen artean erabiltzen ziren mendiko zaldi txiki gogorrak edo zaldun armaduradun astunak eramateko zaldi handikoteak. Jendarte musulmanean zaldi azkar eta arinak nahiago zituzten, lautadetan lasterketak egiteko, paseatzeko, ehizarako edo gerlarako. Zaldi dotore ederrak ikusten ziren. Azenari, zokoa zeharkatzean zaldi lirain ikusgarriei begira gelditu zen. Gurdiaren atzean zebilela, Azenarik pare bat alditan egin zuen estropezu jendearekin edo behin zeramika urdineko postu batean. Alkazarren barnean hornitegiko arduradunaren zain egon behar izan zuten. Agertu zenean, eskatutako jakiak eramateko baimena eman zien, olio, espezia, barazki eta fruituak. Jaki gehienak eta animalia bizirik batzuk beste momentu batean beraien kanpamentura bidaliko zizkietela hitz eman zieten, hiritik kanpoko hornitegi eta itxituretatik zuzenean eramanda nonbait. Kanpamentura bueltatzean musulmanen eguerdiko otoitzerako deia entzun zuten. Musulmanak, zeuden lekuetan gelditu, alfonbra txiki batzuk zabaldu, eta hego-ekialdera begira, denak batera makurtu ziren. Musulmanak ez zirenak, lekuan bertan geratu ziren otoitzak bukatu arte, pasatzeko eragozpen handiak baitzituzten. Harrigarria zen jatorri edo erlijio desberdinetako jendeak zein lasai eta natural eramaten zuen elkarbizitza. Atariraino ibiltzean meskita nagusiaren minaretea ez ezik, beste meskita txiki batzuk, eliza pare bat eta bi sinagoga ikusi zituzten. Bi egun eman zituzten hirian. Ostegunean abiatu ziren hegoaldera aurreikusita bezala geldialdiak eginez. Azkar mugitu ziren eta lau egunetan Kordobara helduko ziren. Azenarik bizitza berri bat hasiko zuela pentsatu zuen. 17 - Kordoba hiria. Korboba hiri paregabea ikusi zuten azken mendi-bortua pasa zutenean. Haranera jaitsi baino lehen, ur biltegi batetik pasatu ziren. Egun oskarbi hartan, urrunean, hiru legoara, wadi al-Qivir ibaiaren ondoan etxe multzo zurien artean plaza eta lorategietako zuhaitzen berdea nabari ziren, zilarrezko bitxietan esmeraldak bezala. Jauregiak ez zituzten desberdintzen, minareteak, aldiz, han altxatzen ziren ilunabarrean nabarmen. Kordobaren inguruan baratze eta sororik aberatsenak zeuden. Munduko nekazaritzarik aurreratuenean eta ederrenean ubideen bidez bizitasuna banatzen zuen urak. Abd al-Malikek eta Zawik berehala kontrolatu zuten hiria. Hisham kalifa, Medina al-Zaharatik al-Zahirara eraman zuten, amiritarren jauregi-hirira. Kordobako madina edo hiriaren erdialdean gerlariak jarri zituzten, bai atarietan, Alkazarrean eta Meskita nagusiaren inguruetan. Garaiz egin ere. Almanzorren gaixoaldi larriaren berri izan zenetik ia hilabetea pasa baitzen eta diktadura eta erregimenaren kontrakoak mugitzen hasiak ziren. Elite arabiarrek, jassa deituek, omeyatarrek bereziki, jatorri eslaviarreko eunuko administrazio-lanak egiten zituzten Almanzorren fatak zirikatu eta konbentzitu nahi zituzten botere aldaketa gauzatzeko. Meskita nagusian ortodoxia eta botere tradizionalaren aldeko jarrerak adierazten ari ziren. Amiritarren oinordekoak, Abd al–Malikek, aitaren zerbitzarien men eta agintaritza lortu zituen arazorik gabe; elite arabiarrak, ordea, ez ziren hain erraz makurtu. Hishamen aurrean ahalegindu ziren boterera berreskuratzen eta ulemak, agintari erlijiosoak, ohitura ortodoxo eta aspaldiko estatusera itzultzeko deiak zabaltzen zituzten. Abd al-Malikek errotik moztu zituen mugimendu haiek, hiria hartuz eta kalifa eramanez. Meskitan hizlariak kontrolatu zituen, baita erraten zutena ere. Zawik eliteko gerlari eslaviarrak jarri zituen jauregi atarietan musulman erreboltariak beldurtzeko. Almanzorren heriotzaren berria heldu zenean, amiritar gazteak habhid-a, gobernuburu postuaren baieztapena lortu zuen Hisham kalifaren eskutik, Almanzorren eginkizun berdinekin. Hurrengo ostiralean meskitan ospatu zuten otoitzaldi nagusia beraren eta kalifaren izenean egin zuten. Dolu-aldia pasa zenean, gorte osoa, pertsonaia nagusi guztiak bildu zituzten al-Zahiran, Abd al-Malik publikoki eta ofizialki Al-Andaluseko gobernuburu izendatzeko. Aste oso bateko ospakizunak egin ziren aurreko amiriaren hogeita lau urteko Estatuko agintaldiaren omenez eta bere ondorengoarenean ere bai. Abd al-Malikek boterearen hariak kontrolatu zituen. Azenarik, artean, ez zuen hiria ezagutzen. Al-Rusafan bizi zen, Zawi eta berbere sanhayarren bizitokian. Al-Rusafan jauregi eta lorategi ederrak aurki zitezkeen, handiki askoren almunien gune nagusia baitzen aspalditik. Sanhayarrak eta familia ziritarra Al-Andalusera gonbidatu zituztenean, bi urte lehenago, al-Rusafa hegoaldeko bide ondoan eraiki zuten berbere itxurako herri oso bat. Han harresiz itxi zuten hiru mila biztanlerentzako eremua, harresi ondoan leku libre zabalak, hiru atari eta ezkutuko irteerak zituena. Atari bat, ekialdekoa, al-Rusafako bidera ateratzekoa; hegoaldekoa zituzten labore lurretara heltzeko; eta mendebaldekoa zaldi eta beste animalientzako bazkatokietara eta ariketa eremura joateko, wadi al-Rusafaren ondoan, erreka baino errekastoa zena. Etxe enkalatu eta lorategien artean ziritarren jauregia zegoen. Eraikin anitzen artean, biltoki, zalditegi eta familia eta zerbitzarien bizitokiak zeuden, palmondo, parterre eta uharka-lorategi baten inguruan. Jauregiko erdiko gunean, lorategiaren bukaeran, harrera gela eta egongela edo madjlis-a zeuden. Bi gela haietan igeltsuz irudi geometrikoen bidez dotorezia eta edertasuna ematen zizkioten lekuari. Beste eraikinetan soiltasuna zen nagusi, bi urteetan ez baitzuten gehiagorako astirik izan. Gelak eta biltegiak buztinez eginak ziren, gainean karez zuritasun garbia eta landare loredunen bidez alaitasuna lortuz. Lekurik ezkutuenean, haren-a zegoen, ginezeoa. Bainu ederrak ere bazituzten handik hurbil. Azenariri leku on bat eman zioten madjlisetik hurbil, konfiantzazko zerbitzarien artean. Ohatze eta kutxa bat zituen berarentzat bakarrik, beste bi zerbitzari gazterekin konpartitzen zuen gela handi batean. Bi gazteak berbereak ziren, beti beren hizkuntzan ari zirenak. Bi urtetan, sinhayarrak ez ziren egokitu bertako bizitzara eta Afrikako herrietan bezala bizi ziren. Bestalde, bertakoek ez zituzten onartzen, sanhayarrak ez ezik berbere guztiak herri barbaro eta atzeratutzat hartzen baitzituzten. Heldu eta hurrengo eguneko arratsaldean Azenariri deitu zioten madjlisera, saloi publikora. Ziri familiako Bulugin eta Osiris, Zawiren semeak eta Habus, Salma eta Hubasa Maksan, ilobak eserita ziren Zawiren aldeetan. Familiako maiordomoa, hakim-a eta katib-a ere han ziren zerbait jaten eta musika entzuten. Ali itzultzailearen laguntzaz Habus eta Azenariren arteko aurkezpena egin zuen Zawik. Azenariri buruz, Baskoniako leinu nagusi bateko kidea zela esan zuen. Gero, banan banan aurkeztu zizkion seme-ilobak eta konfiantzazko zerbitzariak. Azkenik, Habus aurkeztu zioten, ziritarren artean estatusean Zawiren hurrengoa balitz bezala. Maksan ben Ziriren seme nagusia zen, hamar bat urtekoa. Azenari bezain altua zen, baina familia hartan guztiak bezala oso mehar eta gihartsua. Beltzarana. Begi nabar argi interesatuak zituen, inteligentzia erakusten zutenak. Besteei bezala burua makurtuz agurra gurutzatu ondoren beraren eginkizuna zein izango zen entzun zuen: handik aurrera, hurrengo udara arte, Habusek eta berak hakim-arekin ikasiko zuten arabiera, Kordobako familia nobleko ikasleekin kultura arabiarreko ikasketetan aritzeko moduan. Ikasteko asmo haiek eguerditik gauera gauzatuko zituzten, eguneko sei bat orduz, asteko sei egunetan. Goizetan, zalditan eta gerlari trebakuntzetan ibiliko ziren. Zawik zuzenean debekatu zien haien artean erromantzez edo berberez mintzatzea. Argi eta garbi adierazi zien mutikoei harremanaren helburua: arabiera ongi ikasi behar zuen Habusek. Hurrengo asteetan arnasarik hartzeko modurik ere ez zuten izan. Egunsentitik zalditan trebatzeko ariketa nekagarriak behin eta berriz egin behar zituzten eta ia deskantsurik egin gabe gerlariekin batera arma desberdinekin praktikatzen zuten, baita armarik gabe borrokatu ere. Kapitain baten agindupean beste mutil eta gaztetxoekin praktikatu behar zuten, hamar-hamalau urte zituztenak. Lehen astea pasatu zenean, Azenari ohitu zen ordutegi hartara, nahiz eta minduta eta kolpez beterik egon. Azenarik ez zuen aukerarik izan Habusekin mintzatzeko, ez nekaturik eta zer esan ez zuelako, haien arteko komunikatzeko modurik aurkitu ez zutelako baizik. Beraien artekoa irri, baiezko eta ezezko keinu eta lau hitzetara laburbiltzen zen. Ez zirudien, hala ere, gaizki konponduko zirenik. Biak oso antzekoak ziren, ilearen gaztainkara eta beltza edo larruazal zuria edo beltzaranaz aparte, oso begirada antzekoa zuten, gauza guztietarako interesa erakusten zutena, begien kolorea bezala, begi nabar argiak biena. Izaeraz ere, lasaiak, atseginak, lagunkoiak eta isilak ziren. Bazekiten –somatu zuten– lagun handiak izango zirela eta eguneroko zailtasunen aurrean elkarri konplizitate keinuak erakusten zizkioten aldiro. Behin makilez beste bi mutilekin ari ziren borrokan, denak denen kontra eta azkenean Azenari eta Habus gelditu ziren zutik errenditu gabe. Hurrengo kolpe txandarekin Azenari erori zen atzeraka estropezu egin zuenean. Habusek garaile geratu behar zuenean, nekearen nekez bera ere erori zen. Beraiek eta besteek kar-kar, barre-algaraka bukatu zuten saioa. Handik aurrera ahal bazuten elkarrekin egiten zuten borroka besteen kontra, konturatzen baitziren ongi konpontzen zirela, elkar ulertzen zutela eta ez zutela elkarren kontra gustura egiten. Gustura babesten zuten elkar. Goizero, lehen argitan, garbitu eta gosaldu ondoren, ukuilura joaten ziren zaldiak zelatzera eta zelaira eramatera. Zaldien gaineko ariketak eta mugimendu bateratuak egiten bi orduz saiatu ondoren, ibilaldi luzea egiten zuten inguruetan. Bueltan zaldiak garbitu eta orraztu edo zarrastatu egiten zituzten karda bat erabiliz. Azenariri utzi zioten zaldia ruano gazte bat zen, urduria eta nekaezina. Ez zen oso ederra eta burugogor samarra zen. Asto deitu zion lehen egunean. Gero, egunak pasa ahala konplizitate bat sortu zen bien artean. Astok gogorrarena egiten zuen, zela jartzen zion bitartean. Jokoa bukatzeko jaki goxo pixka bat ematen zion Azenarik eta handik aurrera ongi erantzuten zuen zaldiak. Adiskidetasun handia sortu zen pixkanaka zaldi eta mutilaren artean. Azenari heldu zenetik lehenengo ostiralak, musulmanen festa egunetan, al-Rusafa bertako meskitan eta inguruan pasatu zituzten, Kordoban bitartean giro nahasia zegoelako. Baina behin botere aldaketa gauzatu zenean gauzak lasaitu ziren. Hurrengo ostiralean festa izan zutenean, ziritarrek Azenari eraman zuten Kordobako meskita aljama nagusira, nahiz eta musulmana ez izan. Ez zuten behartu eta mutila bisitari gisa joan zen. Muezinen eta fededunen talde-otoitz haiek lasaigarri gertatzen zitzaizkion, aurreko urtean fraideen kantuak izaten zitzaizkion bezala. Kordobara joango ziren eguna pasatzera. Hiria, Europa eta Magreb osoko hiririk handiena zen une hartan. Milioi erdi biztanle bizi ziren Madina eta inguruko chanib edo auzoetan. Mendebaldeko kalifatoko hiriburua zen. Constantinopolis, al-Kaira eta Bagdad hiriak ziren konpara zitezkeen bakarrak. Kordobaren garrantzia ez zen biztanle kopuruagatik, ekonomikoki inguru zabal batean eragin handia izateagatik baizik: industriak, artisautza eta nekazaritza garatzen zituen Estatu eta administrazio baten hiriburua baitzen. Kultura eta artearen hiribua ere bazen. Zientzia, poesia, literatura eta filosofia inon baino gehiago lantzen zen eta orduko arkitekturarik ederrena zeukan. Apartekoa zen Medinat al-Zaharaz gainera, jauregiak, almuniak, zubiak eta bereziki meskitarik miresgarrienak Kordoban eta inguruan ziren. Zaldi gainetan abiatu ziren al-Rusafatik. Bost ziritarrak eta hamar gerlari aurretik zihoazen, beste bost zerbitzari mandotan jarraitzen zituzten bitartean. Juduen atarira heldu zirenean, zaldiak morroiei utzi zizkieten eta oinez jarraitu zuten hiriko bide nagusitik. Bidea zabala izanik ere, jendez eta saltzailez beterik zegoen. Festa handia zen. Ez zieten ziritarrei kasu gehiegirik egin. Denak ziren musulman eta beraz berdinak Allah altuaren aurrean, baina kordobatarrek ez zituzten berbereak maite eta bakarrik beste berbereek eta mespretxatutako antzeko mertzenarioek agurtzen zituzten. Gainera, sanhaya tribuetako gizonek durbante urdin-ilun haiekin begiak izan ezik aurpegia ezkutatzen zuten. Meskita ikusi baino lehen, dorre lirain zuzena eta arabeskoz beterikoa ikusi zuten zeruari seinalatuz. “Allaahuuu aaakbaar! Allaahuuu aaakbaar!” Meskitako minaretetik eta urrutiko meskitetatik ere muezinek otoitzerako deia zabaldu zuten: “Allahu akbar! La Ilaha il-la Allah!” –Alá handia da. Ala da Jainko bakarra. Meskitaren sarrerara hurbiltzean gero eta jende gehiago biltzen ari zen eta orduantxe entzun zuen Azenarik otoitzerako deialdirik zirraragarriena, zeruko aingeru batek jainkoaren alde kantatu izan balu bezala. Ostiraleko eguerdiko otoitzaldia zen, asteko sakratuena. Gizonek, laranjondoen patio handian zeuden ur-putzu baxuetan, sinestunen poz eta zorion-adierazpen neurtuen artean garbitu zituzten aurpegiak eta ileak; oinak eta eskuak. Garbiketa errituala zen, Jainkoaren aurrean garbi agertzeko. Meskitaren sarreran trazeria ederrezko atari txiki anitz eta erdian handi bat ikusten ziren. Atari nagusia zeharkatu zuten. Barnean argi-itzalek nabarmenduta, arkuz eginiko baso batean, lerrokatutako zutabe hori-gorriak miretsi zituzten. Palmondo lerroen artean sartu zirela zirudien. Hegoaldeko argitasunera hurbildu ziren. Gizonak lerrotan jartzeko aurrera jo zuten bitartean, bi mutilak aparteko eta aldameneko pasabide batetik hurbildu ziren Kibla aldera. Zelosien atzetik gizonengandik aparte, emakumeek eta haurrek jarraitzen ahal zituzten otoitzaldiaren gorabeherak. Harrigarria zen, harri, marmol eta igeltsuzko zutabe eder haien artean gizonen makurtze eta goratze sinkronizatua jarraitzea, otoizgile eta sinestunen kantu eta erantzun armoniatsuekin batera. Otoitzaldiaren bukaeran iman nagusia zen mulla batek sermoi luze bat eta erregu berezia egin zuen. Azenarik, Hisham kalifaren izena eta Abd al-Malikena entzun zituen Alaren laguntzaz musulmanak gidatzeko. Batzuetan ulertzen zituen esaldien zentzua, aste haietan arabiera ikasteko momentuetan gehien egiten zuten ariketa Koranaren azorak errepikatzea zen, latinez itzulpena entzun eta gero. Templutik ateratzean, musulmanen anaitasun preziatua ikusten ahal izan zuten, denak berdinduta Alaren aurrean, bakarrik berbereen durbante beltzek diferentziatzen zuten besteen txano eta kasketeetatik. Kordobako kaleetara atera ziren. Zawik bi mutilei beren kabuz joaten utzi zien, bi guardia atzetik eramanez gero. Meskita inguruan kordobatarrak lagun-taldeetan solasten ari ziren. Jaki, goxoki, edari eta beste mota guztietako postuak zeuden alde guztietan denen gutiziak asetzeko. Bi mutilak alkazar aldera joan ziren, omeyatarren bizitokia izan zena, jauregi eta lorategirik handienak. Atari handiaren ondoan marmol ederreko iturri ikusgarrian, edan zuten. Alkazarra Hishamen bizitokia izaten zen aspaldian, batzuetan Medina al-Zahran bizi bazen ere. Egun haietan, ordea, Medina al-Zahira-ra eraman zuten kalifa, amiritarraren eskuetan. Hiriko hegoaldeko atari nagusitik al-Rasifera atera ziren. Han zen Bab al-Qantara famatua, Zubiaren ataria, Wadi al-Qivir ibaia gurutzatzen zuen hamasei arkuko zubi erromatarra eta bestaldean Saqunda edo al-Rabab, aspaldian suntsitutako auzoa. Ibaia zeharkatzen zuten ur-errota batzuk zeuden nolabaiteko presa-hormek lotzen zituztenak, Sudda zen. Atariaren gainean Amabirjinaren edo jainkosa baten irudia zegoen denen ustez. Jendeak hartu zuen bidea jarraitu zuten beraiek ere. Atari ondoan, al-Rasifa, harresi ondoko bidea eta ibaiko kaiek osatzen zuten paseatokia zen, botereak exekutaturiko gaizkileen erakustokia. Mendebaldera jo zuten. Rasifetik Alkazar-jauregi ondoko Musallera atera ziren, bestela ere Saria deitua, otoitzerako toki irekira. Han ere egiten ziren musulmanen bilera eta ospakizun erlijiosoak, ostiraleko meza nagusietan ez baitziren musulman guztiak meskita nagusian sartzen. Hegoaldean Kibla eta Mihrab-a zeuden, islamaren jarraitzaileen erreferentzia, ustez Mekara begira, nahiz eta kasu hartan hegoaldean kokaturik egon. Handik hurbil, lautada zabal hartan festa giroan, jaki eta litxarreria postuak topatu zituzten, baita komikoak, ipuin kontalariak, ekilibristak eta abarreko artistak ere. Mutilek ikuskizunak jarraitu eta fruitu gozoak erosi zituzten. Baina, kirol edo gerlari probak hastekoak ziren eta eremu hartara hurbildu ziren. Leku aproposa bilatu behar zuten hastekotan ziren gazteen lasterketak ikusteko. Artifizialki egindako aldapa egiten zuen eremu zabalean aurkitu zuten lekua. Distantzia desberdinetako probak oso lehiatuak izan ziren. Mutilak, hamalau bat urtekoak ziren gaztetxoenak eta hamaseitik aurrerakoak zaharrenak. Lehenago ospatu ziren gaztetxoen lasterketa laburrak eta luzeak eta bukaerarako utzi zuten helduagoen lasterketa luzea, probarik maitatuena. Hamar itzuli egin behar zuten koadro handi baten inguruan eta partaideek ezin zuten tranparik egin. Probak bukatu zirenean Abd al-Malikek banatu zituen sokatxo batekin eramaten ziren dominak. Zaldi lasterketak izan ziren gero. Hamar bat gaztek, nobleziako familia onekoak, arraza garbiko zaldi arabiar dotore, ikusgarri eta apainduen gainean egin zuten lehia aurreko pistan. Borrokak ziren hurrengoak. Armadako soldaduek, hiriko guardiakoek eta kalifaren guardiako gerlari eslaviarrek hartzen zuten parte. Falangeak eta ezkutuak erabiliz hasi ziren binaka borrokatzen. Hiru bikotek egin zuten batera. Falangearekin ziztatu baino alderik aldeko kolpeak eta erasoak egiten zituzten. Lehiatzen ari ziren gerlariak trebeak ziren, erreflexu, indarra, erresistentzia handikoak eta gehienetan denbora asko behar zuten bestea menperatzeko. Zauri batzuk jaso zituzten, baina irabazlea zein zen garbi zegoenean, gelditzen zen borroka eta izendatzen zuten garailea. Bukatzeko zaldi gaineko borroka zegoen, Djerid-a, zaldi gaineko torneoa. Burdinazko armadura zuten zaldunak binaka lehiatu ziren. Zaldi handiagoak erabiltzen zituzten, kristauek egiten zuten bezala. Lantza handi eta luzeak erabiltzen zituzten. Bik biren kontra egin zuten, Al-Zahirako eslaviarrak armadako zaldunen kontra. Eslaviarrek lehenago bota zituzten arerioak lurrera, entrenamendu eta bitarteko hobeak baitzituzten. Azken bikoteak, ordea, ezpataz egin zuen borroka, zaldi arinak erabiliz. Ez zuten indarra erabili, armaren trebezia eta zaldiarekikoa baizik. Zaldun bat berbere zanata zen eta bestea noble andaluziar bat, hiriko guardiakoa. Andaluziarrak peto dotore eta arina zuen eta zaldi arabiar ikusgarria; berbereak, berriz, zaldi zakarragoa baina erresistentzia handikoa eta larru gogorreko koraza zeraman soinean. Elkarrengana jo zuten abiadura bizian, ondora heltzerakoan mugimendu berezia egiteko. Andaluziarrak zaldiaren norabidea aldatu gabe gorputza urrutiratzen zuen bitartean, ezpata ahalik eta gehien luzatu zuen besoari mugimendu horizontala emanez. Berbereak, ordea, kolpea espero izan balu bezala, ezkutua kontrajarri zion ezpatari eta zaldiari bat-bateko buelta emanaraziz, andaluziarraren gibelean jarri zen atzetik jarraituz. Andaluziarrari kosta zitzaion urrutiratzea. Hurrengo topaketan ere antzeko trebetasunak erakutsi zituzten. Andaluziarra gazte malgua zen eta bere zaldia azkarragoa, bitartean berberea oso trebea zaldiarekin eta hau erresistentzia handikoa. Nekearen nekeaz errenditu zen andaluziarra azkenean. Ikusle guztiak txaloka eta oihuka hasi ziren. Abd al-Malikek sariak eman zituenean, Habusek eta Azenarik gehienbat keinuka adierazi zuten al-Rasifetik zubiko atarira itzuli behar zutela. Egun eguzkitsua bazen ere, aire freskoak jasangarria egiten zuen erreka inguruan ibiltzea. Haurrek igeri egiten zuten Sudda-n, ur errota mugiarazteko ibaia zeharkatzen zuen presan. Palak gelditurik zeudela, bi mutilek bainu hartzea erabaki zuten. Zaindariek arropa gorde zietenean, ibaian sartu ziren. Azenarik barnerago igeri egiteko adierazi zionean, Habusek igeri egiten ez zekielako keinuak egin zizkion. Hantxe bertan oina egiten zen lekuan erakutsi zion Azenarik ez zela hondoratuko lasai geldituz gero. Gustura ibili ziren jolasean ur azpian gauzak hartuz. Habusek igeriketan baino, uretan mantentzen ikasi zuen pixka batean. Igeriketaren ikasketa beste batean jarraitzekotan, atera ziren pixka batean lehortzeko, berandutzen ari baitziren eta familia-bazkaria ospatu behar zuten erreka bestaldean, Saqundan. Hiriko atari nagusira helduta, zubia arazorik gabe zeharkatu ahal izan zuten, orduan jende gutxiago zebilelako. Bestaldean, zubitik hurbil, Maqburat al-Rabad al-Saqundan, Kordobako hilerririk handiena zegoen, baita beste Musalla handi bat, jende bilkura handiak ospatzeko. Ibaitik behera jarraitu zuten. Zubitik bostehun bat metrora nomaden denda zabal eta ireki bat ikusi zuten. Denda baino, estalki bat zen eta itzalean eserleku baxu eta akoltxatuak zituzten, kuxinez beteak. Azenarirentzat lehenengo otordu-ospakizuna izan zen. Arabiar eta berbereek basamortuan edo ibiltarien bizitza izaten zuten beren jatorrizko lurraldeetan eta noizean behin jaima haietako baten azpian ospakizunak egitea gustatzen zitzaien, nahiz eta hirietan bizi. Gizonak zirkulu batean jarri ziren zangoak gurutzatuta, esklaboak izan ezik. Azenari Habusen ondoan eserita zegoen eta besteek egiten zutena egin zuen berak ere. Emakumeak aparte ziren beste denda txiki batean. Alari eskerrak eman ondoren, hasi ziren bazkaltzen. Txandaka, erdian zegoen plater zabal handietatik hartzen zuten janaria eskuineko esku hutsarekin, ahurra edota hatzekin. Asko zirenez, hamalau bat gizon eta mutil, lau leku desberdinetan jarri zituzten janari-azpilak. Janari espeziatua zen, mina. Piper, haragi eta ogi-mamiak edo migak bezalako plater bat hartu zuen Azenarik. Zer zen galdetu zuenean kus-kus zela esan zioten, zereal egosiarekin barazki eta arkume haragia, berberez umer deituta. Oilasko eta antzara haragi errea hartu zuten gero, eta pasteltxoak, frutak eta infusio gozo bat bukaeran. Ongi tratatu zuten mutila. Ez zen baztertuta sentitu eta hizkuntza berberearen zentzua eta hitz solteak ezagutzen hasi zen. Bazkaria bukatu zenean zuhaitz batzuen itzalean gelditu ziren erdi lotan, laud antzeko musika tresna batzuen laguntzaz. Beranduago, arratsaldean zalditan ibili ziren mutilak. Trosta eta arrapalan Ecija bidetik egin zuten gazteenek, al-Rusafara itzuli arte. Mutilek beste baterako planak egin zituzten. Hurrengo ostiral batean zokoetara joango zirela komentatu zuten. Aipatu bezala, goizean zaldiekin ariketak egiten zituzten. Ariketa zailak ziren. Berbereak kontrol handiagoz mugitzen ziren kristauak baino. Aho-uhalik edo bridarik erabili gabe, kristauen artean gutxi ezagutzen zen estribu baten laguntzaz, gorputz eta hankekin agindu guztiak ematen zituztelako. Eskuak libre izaten zituzten arkuak edo ezpatak erabiltzeko. Azenariri ez zitzaion hain erraza egin, baina kosta ahala kosta, buru belarri saiatu zen, eta poliki, gero eta hobeki egiten zuen zaldia geldiarazteko, itzulia eginarazteko edo abiatzeko. Dena den, bazirudien beti bezala zerbait hobetu egin behar zuela. Armetan ere nekatu arte baina gustura ibiltzen zen. Bestela gertatzen zen arabieraren ikasketetan, zeren eta penagarri aritzen baitzen azken aldian. Bi ariketa mota egiten zuten, irakurraraztea bat eta idaztea bestea. Lehenean, Hakim deitzen zuten maisuak irakurrarazten zion Azenariri eta hau urduritzen zen. Ez zuen abiadura onargarrian egiten, askotan etete edo huts egiteak aparte. Habusek hobeki egiten zuen, pasiboki bazen ere, ohitura gehiago baitzuen hizkuntzarekin. Azenarik idazten ere akatsak egiten zituen eta aldiro egindakoa zuzendu behar izaten zuen argizarizko taulan. Egun bereziki zail batean Zawik ikuskatu zuen Azenariren ibilera txar eta neketsua eta zerbait esan zion ahopeka Hakim irakasleari. Maisuak handik aurrera, irakurketa eta idazketa aldi berean egiteko eskatu zion mutilari, ozenki ahoskatuz. Hori bai, ongi egin behar zuen, bere erritmoan, baina ongi. Presaka eta gaizki egiteari utzi zion. Pixkana-pixkana, modu horretan, bere kabuz, bere erritmoan, irakurketa, ahoskera eta idazketa bateratu eta hobetzen hasi ziren. Hitzak edo esamoldeak ulertzen ez zituenean, maisuari galdetu eta latinez errepikatzen hasi zen, arabieraz ere ongi ulertu eta errepikatzeko moduan egin arte. Handik aste batzuetara, irakurketa eta idazketa ariketa haiei zentzua eta ulermena gaineratu zitzaizkien eta emaitzak dezente hobetu zituen. Iluntze aldean, Azenari eta Habus jauregiaren lorategitik ibiltzen ziren gero eta hizketa ulergarriagoak eta naturalagoak egiten. Batzuetan jauregitik atera eta berbereen herribilduko kaleetatik edo harresietatik ibiltzen ziren. Al-Rusafa herri handiagoaren kanpoaldean zeuden. Inoiz ez ziren herriko jauregi-almunietara hurbiltzen eta Kordobara ostiraletan joaten ziren. Aukera izan zutenean zokoetara joan ziren. Meskitatik ekialdera Axerquia deitzen zen mozarabeen auzoan zoko asko topatu zituzten. Lehenengo sarreratik harategien karrika topatu zuten, usain sarkorragatik laster pasatu zutena. Bitxikeriak bilatzen zituzten eta zintzilikatutako arkume eta oilokiz nahikoa zuten eguneroko bizitzan. Aurrerago baziren oihal eta arropa azokak, alcaiceria deituak, kolore, estilo eta kalitate guztietakoak. Zoko itxi desberdinak ziren, denda eta biltegiak kalifarenak ziren, alokairuen bidez utzita. Lehenengoz setazko oihal arin eta koloretsuak ukitu eta ikusi zituen Azenarik. Oihal urdin zerutiar distiratsu bat ukitu zuenean ezin izan zen gelditu, harritu baitzuen haren arintasunak. Saltzailearen oihuek uztera eta alde egitera behartu zituzten. Bitxien alcaiceria ere ikusi zuten, urrutitik, zeren eta ez baitzituzten pasatzen utzi. Postu dotore batzuetan oihal preziatu batzuen gainean urrezko eta zilarrezko lepoko, eraztun, eskumutur, buruko eta bestelakoak aurki zitezkeen, filigrana ederretan gehienak. Harri bitxiak kolore eta tonu guztietakoak ziren, argitara distiratsu. Habusi galdetu zion eta honek zekien gutxiak adierazi zizkion lagunari: –Horiek korindoi dute izena, berde horiek esmeralda, urdinek zafiro, gorriek errubi, urdin argiek aguamarina eta ondoko haiek amatista. Preziatuenek kolore hobea dute eta ez dute zikinik. Salneurri garestiagoak dituzte. Haruntzago beste plaza baten inguruan, salgai exotikoak ere aurki zitezkeen alhondiga izeneko zokoetan. Baziren al-Funduq deitutako ostatuak ere. Saltzeko dendak eta fonda haiek nahasmen handian aurkitzen ziren. Kanpotik joandako erosle eta saltzaileek jantoki eta lotarako tokiak aurkitzen zituzten han. Horrenbeste mugimenduk lapurrak eta aprobetxatuak erakartzen zituen. Hiriko segurtasuna, saib al-Surta al-Murta izeneko mandatariak kontrolatzen zuen. Auzo bakoitzean arif izeneko agintariak zaintza egiten zuen laguntzaile batzuen bidez. Axarkiakoa, hiriko arifik boteretsuena zen, eta haren agindupean musulmanek, kristauek edo judutarrek nahasmendu osoan egiten zuten bizitza. Aurrera egin zuten. Kale batzuen izenek adierazten zuten erabilera. Bazen sokagileen kalea, badanegileena, liburu-dendena, aulki-egileena, al-monak edo xaboi-dendak. Etxeen beheko solairuetan tailerretan artisauak ari ziren lanean, saldu nahi zituzten produktuak egiten. Erdigunetik urrun molestatzen zuten industriak aurkitzen ziren: alfayate edo kaldereroak, metal langileak, kurtidoreak, larrugileak,... Espezien zoko handienetako batean sartu zirela nabaritu zuten airean usain min sarkorragatik. Espezie koloretsuak imajina ezineko aniztasun eta ugaritasunez ikusten ahal zituzten postuetan. Zaku handi irekietatik espezie gorri sorta zabalak ikusten ziren, batzuk ezagunak: piper xehe mota asko, pimenton desberdinak, azafraiak, belar desberdinen berde kolore anitzak, beltzak eta marroiak. Kardamomo, silfio, eta lurringintzarako landareak saltzen zituzten alde batean. Salmenta haietarako oso pisu zehatz eta jakinak erabiltzen zituzten. Arifak, bere lanean, ikuskari bezala pisutan iruzurrik ez egiteko begiratzen zuen. Egun hartan Azenari eta Habus kontrol haietaz testigu izan ziren. Musulman bati tranpa egiten zuela leporatu ziotenean, arifak pisuak trukatuak zituela ikusita, al-cadi edo epailearengana eraman zuten isuna edo zegokion zigorra emateko. Dena errespetuz, eta inolako istilurik gabe egin zen. Nagusi iruzurgilea eraman zutenean, beraren senideek edo menpekoek salgaiak jaso eta alde egin behar izan zuten. Zoko haien artean hornitegiak aurki zitezkeen, haietako batean, Khan deiturikoa, zakur erasokor handi batzuk ikusi zituzten kateatuta: haiek, gauetan eraikina ixten zutenean, zaintzen zuten beheko sarrera, patio eta pasabideetatik libre, inor lapurtzera ez sartzeko. Goiko pisuetan lotarako gelditzen ziren bidaiariak ezin ziren handik atera, zaindariek zakurrak lotu arte. Lotuta zeudela aprobetxatuz, mutil batzuek denbora-pasa polita zuten animalia haiekin. Baten batek janaria ematearen aitzakian erakarri egiten zituen bitartean, beste batzuk alde batetik bestera pasatzen ziren ziztu bizian huskeriaren bat hartzeko eta eramateko. Habusek eta Azenarik lortu zuten zaindariengandik libratzea eta Khanera itzuli ziren jokoan aritzeko asmoz. Beste mutilek ez zituzten gustura hartu eta janzkeragatik bata berberea eta bestea kristaua zirela susmatuta, burlaka aritu ziren. Azenari, zakutoan zeuzkan ogi puskak eskaintzera joan zenean, Habus prestatu zen makil bat hartzeko. Orduantxe begi handiak zituen mutil batek aprobetxatu zuen ailegatu berriak lotsatuta uzteko eta ausartu zen makila hartzen. Izango zen mutila nekatuta zegoelako edo zakurtzarrak orduan esperoan zirelako. Orduan zakur batek zangotik heldu zion eta beste zakurrak gaineratu ziren. Bi mutilak izan ziren zerbait egin zuten bakarrak. Harri batzuk botaz eta makila bana hartuta kolpatu egin zituzten animaliak eta haiek ezustea gainditzen zuten bitartean, bi lagunek aprobetxatu zuten eroritako mutila libratzeko, piztien letaginen kosketatik urrunduz. Begihandi negarrez zegoen urradura txikiengatik baino gehiago ikarak hartuta. Beste mutilek lagundu zioten etxeraino, isilik eta eskertu gabe. Bi lagunak pozik joan ziren handik, zalapartagatik jendetza hurbiltzen ari zela ikusita. Handik egun batzuetara, goiz batean, zaldi gainean ezpataz borrokatzen ari zirenean, zaldiaren ezusteko mugimendu batek eraginda, Azenari kolpe bat gelditzearren desorekatu zen eta beste zaldiaren bultzadaz erori zen ezkerreko besoaren gainean. Besoa hautsi zuen. Erradioa. Puskatu garbia zen. Sendagileak hiru makiltxo eta hesgailu estu batekin eta zapi handi batekin lepotik zintzilikatuta utziz, hilabete batean ez erabiltzeko eskatu zion. Hasieran, Azenari sendatu bitartean beste mutilen ibilerak eta ariketak ikusten gelditzen zen. Hirugarren egunean, besteen atzetik berandutu zenean, ikasgelatik pasatzean, maisua filosofiaz ari zitzaien hiru mutil gazteri, hamalau bat urtekoei. Zawik nahi zuen bere zerbitzuko morroi gazte batzuk arabiar kulturan jantzi, bere familiako gazteak trebatu nahi zituen bezala. Morroi gazte haiek txanbelan edo salako maisu eta laguntzaile izango ziren etorkizunean. Azenari nahi gabe entzuten gelditu zen. Aristotelesen ideiei buruz ari ziren maisu-ikasleak mintzatzen. Haien arteko solasa arabiera arruntean egiten zuten, ez kultu eta akademikoan eta harrigarriki Azenarik uste baino gehiago ulertu zien. Hantxe gelditu zen ikasgelako atearen ondoan entzuten. Zerbitzari batek zerbait nahi zuen galdetu zionean, maisua konturatu egin zen gertatuaz. Beraiek ikasketak jarraitu bitartean nahi bazuen irakurtzera gonbidatu zuen. Mutilak lotsatuta eskertu zion eta liburu bat irakurtzen zuen artean irakasle eta ikasleen mintzagaiak jarraitzen zituen. Lau asteetan medikuaren aholkuak jarraituz lortu zuen besoa nahikoa sendatzea. Hasierako egunetan belar-txaplata bat aldatzen zion maiz eta bi aste pasa ondoren berak agindutako ariketak egin zituen. Nolanahi ere, denbora gehiena ikasten ematen zuen. Goizean beste mutilekin denboratxo bat eman ondoren, ikasgelara joaten zen besteak entzuteko eta irakurtzeko. Arratsaldeetan, bazkaldu ondoren, Habusekin jarraitzen zuen arabiera klasikoko ikasketa. Hilabetea pasa ondoren, arabieraz hitz egiten hasi zen eta Habus ere mintzarazten ari zela ikusita, maisuak Zawiri eskatu zion Azenari beste bi astetan entzule eta partaide gisa jarraitzeko goizeko ikasketetan. Beste ikaskideekin ere laguntasunaz gain, arabierarako giro ona ere nabaritzen ari zen. Zawik, besoaren errekuperaziorako ariketak egin ondoren, beste bi astez goizetan maisuarekin jarraitzeko baimena eman zion mutilari. Neguaren hurbilean, egun euritsuetan, Habus eta Azenari ziren goizeko ikasketak jarraitzen zituztenak, beste hiru mutilekin batera. Denen artean laguntasun giro hartan arabieraz mintzatzeko ohitura naturalagoa sortu zen. Hiru morroiek arratsaldeetan etxeko lanetan aritzen baziren ere, aisialdietan, arratseroko momentu libreetan eta bereziki ostiral arratsaldeetan bi gazteagoekin elkartzen ziren herrixka inguruetan. Denbora gutxian inguruko almunia eta jauregietako zerbitzari gazteekin elkartzen ziren abenturak izateko eta jolasetarako. Ez ziren jassakoak noski, jatorri hispanikoko muladi eta mozarabeak ziren, morroi eta zerbitzari libreak. Beraien familietan erromantzez mintzatu arren, arabieraz egin behar zuten baladien etxeetan eta arrotzekin. Sozialki erromantzez egitea gaizki ikusita zegoenez, mutilen artean arabe herrikoian aritzen ziren. Nolabait ere, Habus eta Azenari jatorri hispanikoko mutil haiekin ongi konpontzen ziren. Omar zen mutil-koadrila hartan Azenari eta Habusekin hobekien konpontzen zena. Beste mutilak hamabi-hamabost urtekoak ziren eta bi mutilak errespetatu arren, ez zituzten aintzat hartzen hainbat gauzatarako. Laburrean, umetzat hartzen zituzten. Omar, aldiz, hamahiru urteko mutil mehar eta txikia zen, oso argia, gauza intelektualetarako interesa zuena eta... oso mutil ona. Egun batean, neguaren bukaeran, Azenari Omarrekin mintzatu zen bazterketa sozialei buruz. Azenarik gaztearen laguntasuna aprobetxatu zuen galdetzeko. –Ez dut ulertzen muladiek zergatik baztertzen dituzten berbereak; jassako aristokrata baladiek muladiak baztertzen dituzten bitartean. Sozietate honetan erlijio desberdinez gain, leku eta jatorri desberdinetako taldeak daude eta badirudi denak beste guztien kontra daudela. –Ez da ulertezina. Baladiek, jatorri arabiarreko konkistatzaileak, muladi eta mozarabeak mespretxatzen dituzte, beraiek garaileak izan zirelako eta jatorri arabiar eta musulmana dutelako. Denek baztertzen zituzten berbereak garaileen artekoak izanda ere, pobreak eta kulturalki basati samarrak zirelako. Jassakoak, aipatu ditugun aristokraziakoak, denbora pasa ahala, gerlariak izatetik jauntxo izatera pasa dira. Hispanoak eta berbereak menpekotzat dituzte eta mertzenario kristauak eta eslaviarrak gorrotatzen dituzte. Orain, azken hamarkadetan, Almanzorrek eta bere semeak menpeko eslaviarrak jarri dituzte agintean, baladiak baztertu dituzte administraziotik eta armadako agintaritzatik, konpetentziarik ez izateko. –Mutilak interes handia erakusten zuela ikusita jarraitu zuen azalpenarekin. –Orain, baladiek ezin dituzte ikusi azken aldian Zawi bezala agertu diren berbereak armadaren aginte postuetan. Judutarrak beste guztiek gorroto dituzte. Omeyatarrak baladien artean elitea izanda ere, boteretik aparte bizi dira jasotako lur eta aberastasun handiak disfrutatuz, ia beraien familien artean baino ez dira erlazionatzen. Errentak jaso, kultura denbora-pasak eta nobleziaren kirolak praktikatzen dituzte. Poesia, xakea, mota desberdinetako ehiza, festak eta luxuzko artikuluen erosketa eta bildumak osatzea dute helburu. Bost axola zaie jendartea. Adibiderik onenak banu Hudayr eta banu Futays dira Kordobako familia aristokratikoak, konkistatzaileen ondorengo zuzenak eta oso aberatsak. Garrantzian, gainean dituzten bakarrak marwandarrak dira, errege familiako Marwan ondorengo omeyatarrak. 18 - Kordoba inguruak. Neguko azken egunetan, egun euritsuak izan zituzten jarraian. Zalditan ariketa konplexuak egitea zaila zenean, bestelako gauzak egiten zituzten. Batzuetan Azenarik eta Habusek zaldiak hartu eta paseo labur eta lasaia egiten zuten atertu egiten zuenean. Beste batzuetan bertan geratzen ziren beraien auzoko harresietan leku babestu batean xakean jolasean, jauregian jendearekin mintzatzen edo bestela bihurrikeriaren bat egiten. Garai hartan zulo batetik hamanean garbitzen ari ziren emakume biluziei so egoten ziren. Askorik ez zuten ikusten baina debekatuaren erakarria sentitzen zuten. Euriagatik lanik ez zuten morroi gazteen jokoetan parte hartu nahi zuten, baina hauek ez zituzten inguruan nahi. Gazte haien denbora-pasarik ohikoena kirol-jokoez gain, zakur edo oilar jokoa izaten zen. Bi animalia hartu eta xaxatzen zituzten borrokan hasteko. Mutilek une batez begiratzen zuten. Hala ere, ez zitzaien krudelkeria gustatzen eta beste edozein gauza bilatzen zuten. Kordobatik bi legoara, al-Rusafatik ipar-ekialdera mendizerra bitartean lautada zabal batean biltzen zen udaberri guztietan Kordobako armada osoa urteroko azzeifa egin baino lehen. Lautada, Fhas al-Suradiq deitzen zuten, dendaren lautada. Abd al-Raman I Omeya, Kordobako lehen emir independentea, Abasi-tar kalifa berriengandik bizirik eskapatu zen omeyatar bakarrak lehenengoz gerrara joateko denda handia jarri zuelako. Han bilduko ziren armadako gerlariak, animaliak, hornitegiak, garraioak animalientzako janaria. Elikadura segurtatzea arazo ikaragarria zen tamaina hartako armada batentzat. 1003ko udaberrian, apirilaren bukaeratik hurrengo azzeifa prestatzen hasi ziren. Bartzelonako konderrira joateko ekaina bitartean prestakuntza handiak egin behar zituzten. Mota guztietako armak, sokak, oihalak, dendak, uhal eta burdinazko piezak, garraiorako gurdiak eta animaliak biltzen hasi ziren. Ez zen lan erraza. Bereziki zaila izaten zen idi, mando, gamelu eta zaldiak lortzea eta haientzako janaria biltzea. Abiatu bitartean egunero gauza berriak gertatzen ziren. Udaberriko egun euritsuetan, arrapalan edo trosta bizirik egiterik ez zutenez, beren zaldiekin ibilaldi lasaia egitearen aitzakian Azenari eta Habus Fhas al-Suradiq-era hurbiltzen ziren heldu berriak ezagutzera. Aurreko egunetan animaliak biltzeko kortetan konponketak egiten ari ziren, estalkiak, hesiak eta biltegietan beharrezko lanak burutuz. Biltegietan mugimendu handia zegoen Kordobatik armak eramanez eta inguru guztietatik janaria bidaliz. Egun hartan Guadalquivir bokaletik zaldi pila ekarri zuten. Zaldi gazteak ziren, zaldunek zituztenak galduz gero, ordezko zaldiak. Ez zeuden hezita eta haiek gordetzeko itxitura guztiak ez zeuden behar bezala. Gainera, janaria falta zitzaien eta lehenengo aukeran, gaizki bukatutako hesiak saltatu eta belar goxoaren bila egin zuten hanka. Bi mutilek ehunka zaldiren ihesa ikusi ahal izan zuten eta beste batzuei bezala biltzera joateko eta ekartzeko agindu zieten. Astelehena zen zaldiek ihes egin zuten eguna eta eguerdirako Zawik ehun bat zaldun bidali zituen zaldiak ekartzera. Mutilei janaria eta abisua bidali zieten. Habusen laguna zen Abdul al-Bakri kapitainak esan zien berarekin joateko. Taldeka banatu ziren leku eta alde guztietara zaldiak biltzera joateko. Hamar bat laguneko taldean mendebaldera zuzendu ziren, beste talde batzuekin batera. Urrunera joan behar izan zuten zaldi talde barreiatu batzuk aurkitzeko. Al-Madina al-Zahra ondotik pasa ziren. Harresi zuzen eta altu haien babesean jauregi eta lorategi erraldoiak lerrokatzen ziren terraza batzuetan menditik lautadara. Abd al-Raman III.a kalifa omeyatarrak eraiki zuen, al-Zahara izen bereko bere emazte kutunarentzat almendrondoz inguratuta. Udaberriko egun hartan almendrondoen arteko harresi eta eraikin doratuak nabarmentzen ziren lorategi berdeetan. Hiri-jauregia zaintzeko eta mantentzeko milaka esklabo, morroi eta soldadu zeuden. Mutilek gogoz kontra jarraitu zuten bete beharreko eginkizunean, jauregi-hiria bisitatzeko beste baterako utzi beharrean. Zaldiak barreiatuta zeuden leku guztietan. Batzuk momenturako ibaiaren bidetik hego-mendebaldera ihes eginak ziren; beste batzuek Kordobako mendizerra zeharkatu zuten. Hurrengo egunean joango ziren haien atzetik. Baina orduan lautada hartan barreiatutako zaldiak bueltan eraman behar zituzten urrutiratu baino lehen. Abdulek eguerdiko otordua arin hartzeko agindu zuen. Gero, beste hiru talderekin zaldiak inguratu, zaldunen artean distantzia bat mantenduz lerro luzean, arri-arri izutu gabe, lautadako eskortetara akuilatu zituzten. Arratsaldean zaldi gehienak bilduta zituzten hobe hesitutako itxituretan. Hurrengo goizean abiatu behar zuten falta zirenak ekartzera. Zawiren berbereen lana zaldi basati eta gazteak heztea izan zen. Mutilek aukera izan zuten laguntzeko. Goizeroko lan bihurtu zen banan–banan zaldiak sokaz lotzea eta itzuliak emanaraztea, geldiaraztea, itzularaztea baita uhalerietara eta jenderekin ohitzea ere. Berbereen artean baziren zaldiak hezten ongi zekitenak, behartuz baino pazientzia handiz lortzen zutenak. Konfiantza irabazita, zaldira igotzen ziren poliki, behar zen denbora emanez, eta zaldian igota ariketa desberdin batzuk eginez hezten zituzten. Maiatzaren hasieran are gehiago animatu zen lautada. Animalia gehienak biltzen ari ziren eta mugimendu handia zegoen haiei jana emateko. Zaila izaten zen gameluak zaintzea, ez animalia zailak izateagatik, edo ez horregatik bakarrik, nahiz oso burugogorrak izan, haien kopuru handiak kanpamentuaren martxa oztopatzen zuelako. Hainbat egunetan milaka gameluri edaten emateko, al-Rusafa errekara eramatean zelaia zeharkaezina zen. Gainera beste animaliak ur-biltegi batzuetara eramaten baziren ere, egun erdiko iskanbila sortzen zen. Eskerrak, hurrengo egunetan, gameluei astean behin edo bitan ematen zietela ura, eta txandaka, egunean bi mila animalia zalapartari baino ez zituztela mugitu behar edaten ematera. Egunak pasa ahala, asmatu zuten beste animalia batzuk momentu desberdinetan mugitzen eta mendizerrako beste erreka batzuetatik ur-asketan bildu zuten isuri preziatua. Habusek eta Azenarik egunero egiten zuten bisita, etorri berriak ezagutzeko. Azenari lehenengo aldiz ibili zen abiadura handia hartzen zuen gamelu batean. Tratu txarra jasan behar izan zuen estreinakoz gamelu bat laztandu zuenean: koska egiten saiatu ondoren, ostikoka hasi eta mutila jo zuen. Ez zen larria izan, izan ere bularraldean zeharka eman baitzion. Hurrengo egunetan irmo eta ezustean tratatzen ikasi zuenean, ez zen arazorik sortu. Egun batean zakurtegietatik animalia batzuk ihes eginda, iskanbila sortu zuten oilategietan. Beste egun batean, maiatzaren bukaeran, sute bat piztu zen egurtegi batean. Egurra leku desberdin eta urrutiratuetan izateari esker ez zen neurri gabeko kaltea. Ondoren jakin zutenez bi mutil mozarabe harrapatu zituzten zaindariek. Galdekatu zituztenean Bartzelonako frankoek dirua eskaini zietela esan zuten. Oso pobreak izaki, gosez ez hiltzeko egin omen zuten. Azenarik lehenengoz entzun zuen lurralde musulmanetan jendeak gosea pasatzen zuela, uste baitzuen Kordobako lurretan denak aberatsak zirela. Zalantzak Omarrek argitu zizkion galdetu zionean. –Gure lurralde hauetan, jendea gosez izaten da askotan. Denek, bereziki mozarabeek, zergak ordaintzen dizkiote Kordobako Kalifatoko Estatuari eta zuzenean duten jauntxoari. Uztak oso handiak ez direnean edo galtzen badira, ez zaie bizitzeko behar dutena geratzen eta gainera zorretan izaten dira maiz. –Azenarik eta beste mutil batek, batera ia galdera berdina egin zuten. –Ez al dute eman behar ateratzen dutenaren hamarrena edo bostena? –Nekazari morroi gehienek, ez diote portzentaje bat ematen jauntxoari, kopuru finko bat baizik. Gure nagusiaren menpeko familia batek adibidez, oso lur eta baliabide gutxi izanda ere, urtero hogei arkume, berrogei oilasko, bost ezti-orraze, fruitu eta barazki piloak eta berrogei neurri gari eman behar izaten dizkiote: urte on batean ateratzen dutenaren laurdena baino gehiago, gehienetan. Aurten ongi ibiliko dira emateko, baina aurreko urteko zorra ordaindu behar dute eta larri ibiliko dira neguan. –Azenarik bazuen artean zerbait galdetzeko eta ez zekien nola egin. –Beti entzun dut jauntxo arabiarrak eskuzabalak direla. Ez al da hala? –Aberatsak? Bai, badira; eskuzabalak, berriz, ez. Gure jauna, Sulaiman ben Kasim al-Farad al-Omeya, Abd al-Raman III.aren eta emazte baten biloba da, errege familian ez da oso inportantea. baina lurrak eta beste jabetza batzuk ditu. Beraren menpean familia asko daude lurrak lantzen. Beste hiri batzuetan ere badauzka denda eta tailerrak eta mehatze bat ere bai. Bera bezala beste ehunka omeyatar daude, bakoitzak bere familia duena eta Jassako milaka gehiago daude berdin-berdinak. Denek jaso zituzten ondasun handiak beraien aitaren seme-alabak izateagatik. Ez dute ezer egiten, ongi pasatzea ez bada eta nik bezala beste administratzaileek, gure nagusiak eta beraien familiak mantentzeko morroiak estutu behar ditugu. Horrelakoak dira jauntxo guztiak. Ekainaren hasieran eguraldi ona hasi zelarik, Al-Andaluseko kora edo probintzia guztietatik gerlariak heltzen hasi ziren. Yihad, gerra santuaren deia egin ondoren boluntarioak biltzen ari ziren. Urte hartan uzta onak izango zirenez yihadista gutxiago aurkeztu zen. Urte txarretan familia muladietako gazte andana aurkezten ziren boluntario gerra saindurako, benetako arrazoia, jatea, eguneroko janaria lortzea zenean. Urte hartan Yihadista gutxi ziren, lau bat maila eta gaizki prestatuta zeuden. Koretatik, probintzietatik joandako gerlari profesionalak ere gutxi baina garrantzitsuagoak ziren. Jassako baladiek ez zuten zuzenean gerra egiten eta gehienetan dirutan ordezkatzen zuten parte hartzea. Jatorri desberdinetako mertzenario kristauak eta berbereak ziren gerlaririk onenak. Ekainaren 17an, 13 shaban-ean, Azenari, Habus eta lagunak joan ziren armada eta sanhayarrak agurtzera. Kordobako biztanleek muino batetik ikusi zituzten soldaduak desfilatzen. Bartzelonako kondearen aurka joan ziren, bake-tratatua ez errespetatzeagatik. Lehenik Abd al-Malik Sayf al-Dawla, Estatuaren Ezpata, agertu zen. Arabiar arraza garbiko zaldi zuri eder baten gainean koraza distiratsu bat zeramala ikusi zuten guardia eslaviar handi eta nabarmenen aurrean. Gero, koretako oinezko gerlariak zetozen, herritarrek txaloka eta goraka hartu zituztenak. Boluntarioak are hobeki hartuak izan ziren eta bukaeran bi ordu pasa ondoren jendea nekatuta zegoelarik eta joaten hasi zirenean, zalduneria berbere eta kristaua ere bai. Azken hauek ez ziren asko, lau mila zaldun inguru; haietatik mila, Zawiren sanhayarrak. Osotara hogei mila gerlari. Gizon gehienak joan zirenean, al-Rusafako auzo hartako bizitza aldatu zen. Emakumeak ordura arte ginezeoetan gordeta izan zirenak atera ziren etxeetatik. Gelditu ziren gizonak, edo kanpoan ziren goarnizio bezala hiri anitzetan, Kordoba inguruan, edo bestela beraien herribilduaren harresi, dorre eta kuarteletan ziren. Zawik ez zituen gerlari guztiak eraman. Oinezko bostehun gerlari geratu ziren bertan, beste hainbeste emakume eta ume zaintzeko. Herrixka hartako harresietatik urrun, soineko koloretsu eta distiratsuak zeramatzaten emakumeak ikusi ziren etxe batetik bestera eginkizun berri eta ageriagokoak eginez. Egia zen emakume berbereek etxetik kanpo arabiarrek baino eginkizun gehiago zutela, askatasun gehiago ere bai. Emakumeek momentu hartan zuten arazorik handiena zera zen: Afrikatik joandako gizon gehienak emazte eta emakumerik gabe joan ziren eta bakarrik berrehun bat emakume eta hirurehun haur zirela; gainerako bostehun morroi eta esklaboen artean beste ehun emakume zegoen. Beraz, gizonak gerrara joan zirenean emakumeek lasaitu ederra hartu zuten gizonen beldurrik gabe, herrixkatik atera gabe eta harresi-kuartelen zaindariengandik urrun. Orduan Azenarik Salmarekin harreman handiagoa izan zuen. Bera zen ziritar familian emakumerik irekiena. Ziriren emaztearen ondoren Habusen arreba nagusi hura eragin eta garrantzi gehien zuena zen. Berari benetan interesa zitzaizkion Habus eta Azenaren bizitza eta beharrak, eta ahal zuelarik beraiekin pasatzen zuen arratseko eta afalondoko momentu bat edo beste. Kahina, Zawi ben Ziriren emaztea, bere gizoez arduratzen zen nagusiki. Hamabost urterekin Salma, jauregiko morroiekiko harremanak eta eguneroko prestaketek denbora uzten ziotenean mutilengana haietaz arduratzeko. Egun hartan, lorategiko iturri ondoan arratseko freskura dastatuz Salma ikusi zuenean, Azenari hurbildu eta solasean hasi zitzaion, errespetu handiz egin ere. Bere arabiar formalenean eta poliki galdetu zion. –Kaixo Salma. Molestatu egiten al zaitut? –irri batekin erantzun zion prest zegoela berarekin mintzatzeko. –Kaixo Aznari. Ez. Noski ezetz. Zer moduz pasa duzu eguna? –Ongi. Baina…, ez dakit nola galdetu. –Galdetu lasai. Habus utzi al duzu niri zerbait galdetzeko? –Bai. Joan da sukaldera, jateko zerbait bilatzeko. Oraintxe heldu da. –Galdetu lasai jakin nahi duzuna. –Salma, emakume berbereok askatasun handiagoa duzue, ezta? –Bai, gure herrietan, tamazight emakumea beti izan da etxe eta baita lurren agintari. Gizonak kanpoan ziren lanean edo gerran. Zuen emakumeak, emakume baskuni-ak, nola bizi dira, arabiar ala tamazight-ak bezala? –Lehen aipatu duzu tamazight hitza. Zer da? Zuek al zarete tamazight? –Bai. Berbere hitza barbarotik dator. Beste herriek horrela deitzen gaituzte. Amazigh izenak «gizon askea» esan nahi du; Tamazight emakumearena da eta denona guztiena imazighen da. Zuek zuen artean baskun hitza erabiltzen al duzue? –Ez. Gu baskoi edo euskaldunak gara, baina kanpokoek baskun edo waskun deitzen digute eta gure lurrari Baskonia edo Gaskonia. –Barkatu, baina zuen emakumeez galdetu dizut. –Bai, barkatu. Euskal emakumeak, zuek bezala etxeko nagusiak dira. Horrelaxe deitzen diete beti, etxekoandre. Gizonak ere kanpora joaten dira lanera, abeltzain edo gerrara. Urteko hilabete ilunetan etxean aritzen dira eta udaberritik udazkenera asko joan egiten da. Zahartzean herrian geratzen dira laguntzera, baina benetan agintzen jarraitzen duena etxekoandrea da. –Gurean berdintsu izaten da. Al-Rusafako auzo sanhayar honetan gertatzen dena da oso emakume gutxi gaudela. Gerlari gehienak gazte ezkongabe eta familia-gabeak dira eta ezkutatzen gara horregatik. Garen gutxiak gizonek itotzen gaituzte. Ez dute gainera emazterik lortzen, inguruko muladiek gutxiesten gaituztelako. Hemendik gutxira, hala ere, mila emakume gazte ekarriko dituzte Ifriqiyatik eta gure bizitza hobetuko da. –Ez dut ulertzen. Esklaboak ekarri behar al dituzte? –Ez. Gazte sanhayarrak dira. Askeak. Batzuen emaztegaiak eta gure herrietatik ezkongaiak bidaliko dituzte. Zawik eta Kahinak antolatu zuten dena etorri ginenean baina ez da orain arte posible izan. Etorri ginenetik ia bi urte pasa direnean, aberastu gara eta gure herriko neskez gain mutil eta gizon sanhayar gehiago etorriko dira. Uda bukaeran edo udazkenean hona helduko dira. Horregatik dago hainbeste eremu hutsik gure harresi barnean. –Azenariri gero eta gehiago gustatzen zitzaion Salmarekin egotea. Uda hartan mutilak Zawiren zaintza estuaren falta aprobetxatuz, hainbat egunetan ehizaldiak egiten aritu ziren. Zawiri hitz eman zioten bezala, normalean bazkari goiztiarra bitartean zalditan eta borrokan ahalegintzen ziren eta atsedenaren ondoren hainbat orduz arabiera klasikoaren ikasketak egiten zituzten. Hala ere, zenbait alditan ezin izan zioten ehizarako deiari eutsi eta beharrezko gauzak hartuta, egun osorako ateratzen ziren. Haietako ibilaldi batean, uztaileko azken egunetan, beti bezala mendiko goi-larretara jo ondoren, ahuntza basati batzuk begiztatu zituzten, haiek ehizatzeko modua aztertu eta haizearen kontra hurbiltzen hasi ziren. Ehun metrora helduta, ordea, bi gezi bota zizkioten Habusi haietako batek ia eman ziona, mahuka zabala urratuz. Atzera begiratzean lau mutil ikusi zituzten arkuak prest zituztenak. Haietako bi Ali eta Muhammad ben Abd Allah banu Hudayr-tar aristokratak ziren. Habusek haserre bizian madarikatu zituen. –Baladi madarikatua! Ia besoan jo nauzu. Zertan ari zinen pentsatzen? –Hi haiz madarikatua, barbaro alaena! Ehiza kendu nahi al didak? Eman eskerrak hil ez haudanean! –erantzun zuen Muhammadek, hamalau urteko anaia zaharrenak. Habusek haren etsaigoa ezagututa, jarraitu zuen madarikatzen. Azenari egoeraren larritasunaz ohartuta, bere arabiera murritza erabiliz ahalegindu zen besteak lasaitzen. –Ia jo duzu gezi horrekin. Ez duzue eskubiderik horrela tratatzeko. Utzi bakean eta joango gara –Muhammadek, orduan barre-algara batean, lasaiago bukatu zuen erretolika. –Mukizu halakoak! Zoazte hemendik. Ehiza izutu duzue. Eta zuk baskuni fedegabe horrek, ea ikasten duzun pertsonak bezala hitz egiten eta ez nekazari ezjakin bat bezala –Azenarik Habus besotik hartuta eta isilaraziz itzulbidera eraman zuen laguna. Beste mutilek bitartean bi mutilak hanka egiten ari zirela ikusita, barrez jarraitu zuten. Handik aurrera ehizara joan nahi zutenean Hudayr etxeko mutil morroi ezagun bati galdetzen zioten Muhammadekin ez topatzeko, garbi baitzegoen ez zuela bat ere erreparo edo beldurrik haien kontra egiteko. Azenarik egun hartatik aurrera gogo handiagoz ekin zion arabiera ikasteari. Goiz joaten zen bazkaltzera eta eguneko ordu beroenean lo-kuluxka azkarra egin ondoren, jo eta ke ekiten zion arabiera klasikoa ikasteari. Al-Coran eta liburu preziatu batzuk irakurtzen zituen eta ongi ulertu ondoren nola ahoskatu galdetzen zion Hakim-i. Maisuak, zer nahi zuen konturatu zenean lasai hartzeko aholkatu zion. –Aznari, Kordoban inork ez du arabiar klasikoa egiten. Idazkiak ulertzen hasi zara baina irakurketa ongi egiteaz aparte, inork ez du ahozko hizkuntza zuk egin nahi duzun bezala egiten. Aski eta sobera duzu hemengo arabiera arrunta eginez. –Baina Hakim, baladiek diote barbaro bat bezala mintzatzen naizela. –Begira mutiko, duela urte bat hona etorri zinelarik, ez zenekien ezer eta orain nahiko ongi egiten duzu. Urte bat ez, hamaika hilabete hauetan mutu izatetik sei urteko mutiko baten hizkera duzu. Ulertu, askoz gehiago egiten duzu, ordea. Benetan ongi ari zarela sinetsi behar duzu. –Hakim, hala ere ez nago prestatuta hurrengo hilabetean Kordobako madrasa nagusira ikastera joateko. –Egon lasai Aznari. Zawi jaunak estutu nahi zintuen aipamen hura egin zuenean, ez zen bere asmoa prestaturik izan gabe maisu handiengana bidaltzea. Orain dakizunarekin eta urte batean Habusek eta biok edozein arabiarrek bezain ongi erabiliko duzue hizkuntza. Jaunak beste urte bat emango digu ongi eta soberan prestatuta izateko. Eta zure ahoskera... hemendik hilabete gutxitara asko hobetuko duzu. Ikusiko duzu. –Azenarik baiezko keinua eginez, eskerrak eman zizkion Hakim-i eta jarraitu zuen lanean. Egun batean, ikasketaz nekatuta Kordobako mendebaldeko auzoetara joatea erabaki zuten. Han ez zuten Hudayrtar hura topatuko. Hegoaldera jo zuten al-Rusafa erreka jarraituz. Bidexkatik, landa irekia ikusten zuten. Erreka ondoko zuhaitzek itzal txikia ematen zuten arren, jendearen atseden tokia suertatu zen. Hegoaldera jarraitu zuten eta Kordobara hurbildu ziren. Teileria eta alfar asko zegoen inguruan. Ondoren, Amirren hilerri handia zeharkatu zuten gelditu gabe, izen bereko hiri-atari aurretik pasatuz. Errekak ibilbide estu batetik jarraitzen zuen, Medina edo hiri zaharra eta mendebaldeko chanib edo auzoen artetik, bi aldetara harresiak izanda. Al-chanib al-Raqqaqin ondotik erreka Alkazarraren harresietan barneratzen zen, kobrezko ziri lodiz itxitako zulo batetik. Inguru hartan, Bab Isbiliya eta al-Attarin, espezien azoka topatu zuten. Azoka ikusgarrian ibiltzeko asmoz joan baziren ere, ezinezkoa izan zen. Jende asko zebilen eta Kordobako atari sonatu hartatik sartzen eta ateratzen zirenekin ezin zen gustura gelditu espezie koloretsu eta usaintsuen salerosketa ikusten. Mendebaldeko arrabalera sartu ziren. Pergamineroen auzoan, al-Raqqaqin-en, sartu zirenean, larruaren usain ustel-higuingarria nabaritu zuten. Han artisauak bizi ziren, beren lantokien ondoan. Hirien erdigunetik urrun izaten ziren industria batzuk, haien artean larruena. Zarata, usain txarra sortu edo oso tinteena bezalakoak osasuntsuak ez ziren industriak hiri bazterrean kokatzen ziren. Larru landuak politak eta baita usain atseginetakoak izaten ziren; landugabeak, ordea, nazkagarriak. Auzoko kalerik zabalenean zihoazela, tailer handi eta dotore baten aurrean, mahai batean, pergamino eder batzuk ikusi zituzten, neurri eta kolore bereko sorta eder batzuk. Habusek ukitu nahi izatean, gizon batek gelditu zuen. –Aizu mutil, ez ukitu nire pergaminoak, jassako handiki, printze eta visirrentzat dira soilik. –Ni printzea naiz, sanhayarren Habus Maksan ben Ziri printzea. Pergaminoak behar ditugu mezu eta dokumentu garrantzitsuak idazteko. –Pergaminoegileak, haserre bizian eskua erretiraraziz eta bultzatuz joateko keinua eginda erantzun zion. –Zoaz hemendik, ez dut alprojarik nahi nire pergaminoak zikintzen. –Hor konpon bezeroak uxatu nahi badituzu. –esan zuen haserre Habusek, pergamino-egilearen begiradapean, beste denda batean, ziurrenez kalitate eskasagoko pergaminoak ikusi zituen. Hamar bat pergamino-sorta baten salneurriaz galdetuta, eskatutako hamalau dirham-ak ordaindu zituen eztabaidatu gabe. Aurreko pergamino-saltzailea ahoa bete hortz utziz. Haruntzago bi meskita famatu pasatu zituzten. Maschid al-Shifa, txikia eta kolore anitzetako marmolez egindakoa. Emakume baladiek maite zuten meskita zen eta maschid Masrur goi postuetako muladien biltokia. Mezkitek bazuten istorio bana. Al-Shifa, Abd al-Raman II.aren emazte kutuna zen, hil zenean emakume pobreentzat ondasunak utzi zituena eta Masrur, emir beraren fata zen. Handik gertu Balat al-Mugith jauregia zegoen etxe pobreen artean nabarmen. Kordoba osoan horrelako meskita, jauregi eta almuniak aurki zitezkeen, hirurehun urteko historian emir eta kalifen ingurukoek utzi zituzten arrastoak. Urrunean hammam al-Ilbiri ikusi zuten, bainuetxerik famatuena. Alkazarreko lorategiaren harresi ondoan kartzela zaharra pasa zuten. Inguruan, San Acisclo elizarik famatuena zen eta Azenarik bisitatu nahi zuen. Eliza ez zen oso dotorea, handia eta zaharra baizik. Kordobako bisigodoek musulmanen aurkako azken erresistentzia hantxe egin omen zuten. Sarrerara hurbiltzen ari zirela, gerlari batzuk ikusi zituzten, neska eta mutil batekin sartzen ari zirenak. Amazigh zanatak ziren, musulmanak izaki ez zuten elizaren santutasuna errespetatzen eta zirudienez, neska modu txarrez zirikatzen ari zirelarik, mutilak, haren laguna edo familiakoa nonbait, neska babestu nahi izateagatik gerlariak bultzaka eta kolpeka hasi zitzaizkion. Habus, Azenarik laguntzen ziolarik, tartean sartu zen eta soldaduei amazigheraz leporatu zien jarrera koldarra. –Ez duzue lotsarik, defendatzerik ez dutenekin sartzean. –Talde-buru zenak Habus jo nahi izan zuen. Honek kolpea saihestu zuen eta ostiko bat eman zion. Orduan mintzatu zitzaion gerlari zanata. –Hi. Nor haiz hi erdian sartzeko, mukizu sanhayar hori? –Zure jarreraz lotsatzen den pertsona bat. Hori hasteko. Habus ben Maksan naiz, printze ziritarra. Eta zu nor zara? –Sarkinak atzera egiten zuela ikusita jarraitu zuen. –Utz gaitzazu bakean eta zoazte hemendik. –Plantak eginez, alde egin zuen hitzik aipatu gabe, lagunek atzetik jarraitzen zuten bitartean. Neska babestu zuen mutila hurbildu zitzaien eskerrak ematera. Neska, artean beldurtuta, eliza ondoko etxe batera joan zen. Mutila hemezortzi bat urteko fraide edo antzekoa zen, horrelako jantzia eta gurutzea baitzeramatzan. Bi mutilei begira honela esan zien: –Mila esker laguntzeagatik –Habusek erantzun zion: –Ez horregatik. Ongi al zaude? –baiezkoa entzun zuenean jarraitu zuen –. Nire lagun Azenari kristaua da eta eliza bisitatzeko eta otoitz egiteko gogoa zuen. Ikusitako bortizkeria gelditu besterik ez dugu egin. Ni Habus ben Maksan banu Ziri naiz. Sanhayarren printzea. –Eskerrak berriro printze hori! Ongi etorri zu eta Azenari gure elizara. Hau da San Acisclo eta ni Isidoro ben Ali, meza-laguntzailea edo monagillo. Neska nire lehengusina da, Miriam. Gure elizan santuaren erlikiak ditugunez al-Andaluseko kristauak etortzen dira bisitatzera –jarraitu zuen–. Bibliako istorio famatu batzuen margoak ikusi ahal dituzue. Zatozte! Eliza bisitatu zuten. Kanpoko beroarekin konparatuz barnea freskoa eta atsegina zen. Harrizko zutabeen gainetik, paretetan bibliako istorio koloretsuak ikusi zituzten. Margoek, denboraren poderioz indarra galduta eta ilunduta egonda ere, istorioen osotasuna mantentzen zuten. Han ikusten ziren Adan eta Eva paradisuan eta handik botatzeko gertatutako istorio guztia. Beste horma batean, Jesusen jaiotza magoen erdian, haren predikuen irudiak, gurutzatzea eta zeruratze istorioak ere ederki ikusten ziren. Aldare haren gainean, Jainkoa, santuz eta aingeruz inguratuta agertzen zen azken auzia ospatzen, onak zerura eta gaiztoak deabruz beteriko infernura bidaltzen. Azenarik margoen koloreak miresten zituen bitartean, Habus harrituta zegoen Jainkoaren eta pertsonen marrazkiekin. Musulmanek debekatuta zuten gizaki eta are gehiago Jainkoa marraztea. Bekatua egiten ari zela iruditzen zitzaion eta aldi berean liluratzen ari zen. Isidorok santuaren atsedentokia erakutsi nahi zien baina biei beldurra eman zienOtoitz egin ondoren Azenarik beste baterako itzuliko zela esan zion Isidorori. Habus, joanda bezala atera zen eguzkitara eta zorabiatu zen. Elizako giroa itogarria zen argizaria eta intsentsua erretzearen ondorioz. Ondoko etxe atarian eseri eta Isidorok ekarritako ura edan ondoren, onera itzulita joan ziren bi lagunak etxera. 19 - Kordobako jakinduria. Joan zirenetik hiru hilabete pasata, irailean, armadaren berriak jaso zituzten; berri zaharrak, dena den. Toledora heldu zirenean, koretako soldatuak gelditu ziren markako defentsak indartzeko. Medinacelin Gaztelako Sancho Garcia elkartu zen Kordobako armadarekin, Wadih markako gobernadorea ere bai. Zaragoza eta Leridatik pasa ziren eta Mumaqasr eta Madanish deituriko gazteluak hartu zituzten Wadih-k eta Abd al-Malikek armada bitan banatu ondoren. Manresa eta Igualadara iritsi, ingurua arpilatu eta esklaboak hartu zituzten. Irailaren 5ean, 5 dhul-qada, Leridara bueltatu ziren, Ramon Borrell III.ak amana eskatuta, erreskateak ordaindu eta tratatu berri baterako enbaxada bidali zuenean. Azkenik armada Kordobara heldu zenean, berriro desfile handia antolatu zuten. Egun haietan hiru enbaxada zeuden hirian etorrerari nolabaiteko oihartzun eman ziotenak. Fhas al-Suradiq-en gurdiak eta animalia gehienak utzi zituzten eta Musallan antolatu zuten ikuskizuna. Frankoen lurraldeetatik bi errege edo dukeren enbaxada ziren agertutakoak, Borgoñakoa bat eta Aquitaniakoa bestea, bata bestearenetik aparte hogeina pertsonaia bitxiak osatzen zituztenak, kolore iluneko jantziak eta zilarra kiloka zeramatenak. Beste enbaxada Bizantziotik zetorren. Basileus-ek interes handia zuen Mediterraneoko komertzioa seguruagoa izaten eta mendebaldeko erresuma arabiarrekin komertzio bila ehun bat merkatari eta noble bidali zituen. Hauek urre asko eta jantzi koloretsuagoak zekartzaten. Joatean bezala itzulian pasa ziren Islamaren gerlariak. Desfilatzen lehena zaldi gaineko atabal, danbor eta fanfarre musika konpainia izan zen. Erritmo motel samarrean zaldi dotore batean Abd al-Malik agertu zen, guardiak aurrean eta atzean izanez. Ezpata airean, urrezko koraza eta gorri koloreko tertziopelozko kapa jantzita, zilarrez apaindutako zaldi beltz baten gainean dantza pausotan ibili zen. Ondoren, koretako oinezko gerlariak ibili ziren jendearen ongi etorri zaratatsuen artean eta azkenik, Yihadeko boluntarioak txaloka eta goraka hartu zituzten, jainkoari eskerrak eta gorak oihukatuz: “Allahu akbar! La Ilaha il-la Allah, Muhammad Rasul´ Lah!” –Jainkoa handia da! Ez da jainkoa beste jainkorik eta Mahoma bere profeta da! Gerlariak agertuta, aurreko bizimodura itzuli ziren berbereen herrian. Emakumeak etxe barnera erretiratu ziren. Gizon gerlariak leku guztietatik zebiltzan berriro hornitegietan eta biltegietan gauzak uzten. Dendak, sokak eta beste tresna batzuk behar izanez gero konpondu ondoren gordetzen zituzten beste baterako, armak eta gerrarako materiala ere beren biltokietara itzuliz. Azken aldiko lasaitasuna hautsiz, jendetzaren zalapartak eta joan-etorriek betetzen eta apurtzen zuten bakea. Mutilek berriro heldu zioten eguneroko lanari. Atzean gelditu behar ziren inguruko ibilaldiak eta abenturak. Horien ordez zaldi eta arma praktikak are gogorragoak eta zailagoak egin edo iruditu zitzaizkien. Zawik berak arku praktika batzuk eginarazi zizkien. Helduentzako arkuak erabiltzerik ez zutenez, txikiagoak zeuzkaten. Arku laburrak ziren, hezur eta egur desberdinez egindako bi bihurdurakoak. Gezia botatzeko ekintzaren hasieran asko kostatzen zen tenkatzea. Ezinezkoa iruditu zitzaien horrenbeste indar egitea. Giharrak behar ziren eta gainera momentuan bildu behar zuten indarra. Sokari eusteko praktikak ere zauritzen zizkien hatz puntak, odola egin eta gogordura izan arte. Ezinezkoa zirudiena lortu zuten asteetara. Hasierako indarra bilduz geziarekin apuntatzea lortu zuten azkenik. Ehun bat metrora asmatzea zen helburua, baina orduko hirurogeian egitea eskatu zieten. Beste baterako utziko zuten praktika haiek zaldi gainean egitea. Ahalegintze guzti haien arrazoia azaldu zien Zawik berak: –Frankoen zalduneria astunarekin ezin izango dugu kontra egin urrutitik geziak botatzen trebatzen ez bagara. Horregatik gure armarik hoberena zaldietatik arkuak erabiltzea da. Gure arkuek, gainera, nahiko indarra ematen diete gezi astunei burdinazko korazak zeharkatzeko. Beste armekin geldiarazi ahal ditugu, baina zaldi gaineko arkularitza da garaitzeko modu bakarra. Gu sanhayarrak gara Kordobak duen defentsa bakarra. Zaldiekin hurbildu eta urrutiratzen ahal gara benetako mina eginez. Defentsa eta erasorako funtsa bakarra gara, beraien zaldi eta zaldun korazatuen aurka. –Habusek adierazi zion orduan Azenariri musulmanek munduko zalduneriarik hoberena zutela, paradetako jassaren zaldunak ikustea baino ez zegoela. Zawik, ordea, oker zegoela adierazi zuen. –Jassak zaldi eta zaldun ikusgarriak baino ez ditu ematen. Desfile batean ongi gelditzen dira; borrokan, ordea, bakarrik garaileak atera daitezkeenean ausartzen dira. Egoera larrietan ez dira ausartzen. Inoiz ez dute Kristauen zalduneria astunaren aurka egiten. Franko horiek, indarra, adorea eta beldur gutxi daukate. Gehienetan etxeko bigarrenak dira eta beste erremediorik ez dute armak hartu eta garaile atera ala zoro moduan borrokatuz hil. Haien aurka zuzen-zuzenean ezin da ezer egin. Mendiko lubizi geldiezina bezalakoa da. Bakarrik guk, gure zalduneriaren mugimendu azkar eta arkuekin egin ahal dugu zerbait. 20 - Emakume tamazigak. 1003ko urriaren hasieran emakume tamazigak heldu ziren Almeriara. Itsasontziak portura sartu bezain pronto uso mezulari batzuen bidez berria bidali zuten al-Rusafako al-Sanhayara. Prest zeudenez, bi egunetan Zawi, familia eta gerlari batzuk mugitu ziren haiengana laguntzeko eta bizitoki berrira eramateko. Azenari ere haiekin joan zen. Almeriako Elvirako ataritik ez oso urrun baina ongi gordetako leku batean kanpamentu bat antolatu zuten emakume haiek babesteko. Horrenbeste emakume horrela agertzea ezohikoa zenez, Zawik aldez aurretik gerlari eta zerbitzari talde handia bidali zuen haien etorrera prestatzeko. Hori zela eta, Azenarik nabarmenki zaindutako kanpamentua ikusi zuen arratsalde hartan. Heldu baino lehen, hiri atari ondotik kanpamentura iristeko bi zaindari-talderen aurretik pasa behar izan zuten. Kanpamentuak ongi zaindutako hesiak zituen. Atariko zaingo handiek pasatzen utzi zituztenean antolamendu handiko tokia topatu zuten. Kanpaleku handi hura, sanhayarrek egin ohi zituzten kanpamentu militarrak bezalakoa zen. Ehunka denda inguruetan, kolore biziko jantziak zeramatzaten emakume gazte eta zerbitzariak ikusten ziren. Kale zabal batetik erdiguneko plazara eta beraientzat prestatutako denda handira heldu ziren. Garbitu ondoren, Zawik eta familiakoek emakume taldeak agurtu zituzten, baita gerlariak eta morroiak ere. Sanhayar tribu eta leinu askotarikoak ziren. Mila bostehunen bat emakume gazte etorri ziren senar eta etorkizun hobe baten bila, zortziehun bat gerlari eta beste hainbeste zerbitzari, gizon eta emakume. Bi urte haietan talde txikitan etorritakoekin jendetza izango zen al-Sanhaya al-Rusafako auzoan. Bi egun eman zituzten handik karabana handian Kordobara abiatzeko eta lau egun kosta zitzaien al-Rusafako Sanhaya auzora heltzea. Herrian bikoiztu zen populazioa. Zazpi mila biztanle baino gehiago ziren orduan auzoan, haietako erdiak gerlariak. Ezteia batzuk ospatu ziren handik hilabete batzuetara eta udaberrian beste batzuk antolatuko ziren ezagutu berriko bikoteekin. Habus eta Azenari ia haurrak izaki, ez ziren zeremoniaz gehiegi jabetu. Festa bai, besteekin ospatu zuten. Negu hasieran, egunik labur eta ilunenetan, kristauen eguberri eguna zela-eta, Azenariri baimena eman zioten San Aciscloko elizan, Kordobako famatuenean eta handienean goizeko mezara joateko. Gerlari baten laguntzaz Kordobako mendebaldeko atari ondoko elizara hurbildu zenean, Gaztelako noble batzuk ikusi zituen haserre bizian elizatik abiatzen ari zirenean. Hantxe zebilen Isidoro meza-laguntzaileari galdetu zion zer gertatu zen. Honek kontatu zion guztia. Sancho Garcia Gaztelako kondearen enbaxada heldu zen Kordobara. Leongo Alfonso V erregea haurra zenez, kondeak eskatu zuen haren tutoretza. Aitzakia zen ume-erregearen ama, Elvira erregina alarguntsa, Gaztelako kondearen beraren arreba izaki, gertutasunez Kordobaren baimena eta aldeko laguntza nahi zuen Sancho Garciak beste nobleen aurrean erregeordetza hartzeko. Abenduaren 23an Galiziako kondea zen Menendo Gonzalez agertu zen Medina al-Zahiran gauza bera eskatzera. Momentura arte, Galiziako kondea zen haurraren tutorea, Leongo gorteko kuriak jarrita. Bien eskaerak kontuan izanda, Abd al-Malikek Kordobako mozarabeen kadi edo jueza, Asbag ben Abd allah ben Nabil, auzian sartzea erabaki zuen. Eguberri bezperan abenduaren 24an Asbag juezak bi delegazioak hartu zituen bata goizean eta bestea arratsaldean. Medina-Zahiran juezak aipatutako gauza guztiak amiritarrari adierazi ondoren, Abd al-Malikek Gaztelako konde boteretsuegia izango zela iritzita, tutoretza Menendo Gonzalezi ematea erabaki zuen eta Asbagi erabakia aurrera eramateko modurik hoberena bilatzeko agindu zion. Honek kondeen ordezkariei San Aciscloren elizan gabon gaua otoitzean pasatzeko agindu zien, hurrengo egunean erantzuna emango ziela erranda. Hurrengo egunean erabakia adierazi zienean, Gaztelako kondearen ordezkari nagusia haserre bizian atera zen lehenbailehen kondeari errateko. Garbi zegoen arazoak izango zirela. Hurrengo urtean, 1004. urte hartako azzeifa Gaztelaren kontra izango zen. Sancho Garciaren lurren kontrako azzeifa prestatzen hasi zen. San Acisclon eguberriko meza ospatu bitartean, Azenarik ingurura begiratu zuen bere herrikoarekin diferentziak bilatuz. Erritoa berdina zen. Latinez otoitz berdinak egiten zituzten. Pinturak eta eraikina ez ziren oso desberdinak. Hala ere, jendearen jarrera eta janzkerak bestelakoak ziren: jantziak emakumeenak bereziki, koloretsuagoak ziren. Gizonek kolore argiak erabiltzen zituzten, maiz zuriak eta denak, emakume, gizon eta haurrak, izaeraz alaiagoak eta berritsuagoak ziren iparraldeko kristauak baino. Elizkizuna bukatu zenean, ate ondotik Miriam ikusi zuen, Isidororen lehengusina. Isidororen ondora joan zen Azenari eta agurtu zituen. Neska oso polita eta isila zen. Apezak Isidorori deitu zionean, neskarekin hizketan geratu zen mutila, hizketan edo bakarrizketan. Azenari gustura aritu zen bere esperientziak eta sentipenak kontatzen. Aurreko beste igande batzuetan ere gertatu ziren solasak, elizkizunak bukatutakoan. Azenariri gustatzen zitzaion neska, nahiz eta honek silaba bakar batzuk besterik ez erantzun. Euria ari zuen etengabe. Negu bukaera hark hiru urte lehenagokoa ekarri zion gogora, ama hil zenekoa eta aitaren istripuarena ere bai. Arratsalde hartan Azenarik ez zuen ezertarako gogorik eta zalditegira joan zen. Asto urduri ibiltzen zen aspaldian, azkeneko egunetan ia atera gabe egoten baitzen. Goizetan buelta batzuk baino ez baitzizkion eginarazten ondoko patioan. Azenario bat eman eta orrazten hasi zen Azenari. Animaliak eskertu zion. Horretan ari zela, Habus agertu zen isilka eta galdetu zion zer zuen. Azenarik ezer ez zuela erantzun zion hasieran, baina gero bere tristeziaren arrazoia kontatu zion. Orduan, Habusek beste gauza bat galdetu zion. –Azenari, barkatu baina inoiz ez didazu azaldu fraide izateko bidaltzearen arrazoia. –Orduantxe, ia gogoz, bere osaba gaiztoaren ibilerak kontatzen hasi zen etengabeko isuri mantsoan. Ondorioztatzen hasi zen: –Donemiliagan nengoela, momentu batzuetan izeba edo beste osabak askatzera etorriko zirela pentsatu nuen. Hala ere, ez nuen gehiegizko esperantzarik, Semenoren maltzurkeria eta gaiztakeria izugarriak ongi ezagunak bainituen. Jakin banekien denbora luze baino luzeagoaren kontua izango zela ataka hartatik ateratzea. Orain ere gauzak ez dira aldatu. Egun batean familia kontuak argitu behar izango ditut. –Azenarik orduan bere familiaren historia aipatu zion, osaba horren usteak, leinua nagusitzeko gogoa eta berari egin ziona ere bai. Habusek ere beren historia kontatu zion lagunari. –Gure historia ez da oso desberdina. Azken batean premu izatearen auzia da kontua. Inoiz ez dizut esan gure aita eta gure anaia nagusia nola hil zituzten. Duela lau urte bigarren aldiz gure leinuaren nagusigoa eztabaidatu zen eta horren ondorioz hil zituzten aita eta anaia. Hala ere, geroxeago azalduko dizut gertaturikoa. Aurretik, abiapuntua, lehenengo nagusigoarena argitu behar dizut. Gu beti izan gara sanhayarren leinu nagusia. Gure menpeko tribuak Arjeletik Rif-eraino eta Kostatik Senegal eta Niger ibaieraino neurri handi batean menperatzen genituen. Kairuan eta al-Mahdiko Fatimiekin aliatu ginen, Ifriqiya-n gelditu ginelarik. Manad-ek, gure berraitona, al-Muizz kalifa babestu zuen Jariyi-tarrak garaituz. Ordutik, lehen Manad eta gero bere seme Ziri fatimitarren jeneralak ziren eta Achir eta Arjel sortu ondoren, Ifriqiyan geratu ginen. Al-Muizz kalifa al-Cairora joan zenean, Ziri hil ondoren, gure osaba Jusuf Buluginek Ifriqiyako emirra zen orain dela hogeita hamar urte. Al-Magreb osoan agintzen zuen, omeyatarrak behin baino gehiagotan garaituz. Duela hogei urte Bulugin hil zenean, Zawik, leinuko zaharrena izaki, onartu egin zuen Mansur, Buluginen seme txikia emirtzat. Zawik iloba babesteaz gain, Ifriqiya gobernatu eta defendatu zuen. Garbi dago Zawik antzinako legeen arabera Mansurren oinordetza errespetatu zuela. Duela zazpi urte Mansur hil zenean, berriro leinuaren eta Ifriqiyaren oinordetza zalantzan jarri zen. Zawik berriro defendatu zuen adar nagusia, Badis txikia babestuz. –Habus etena egin zuen orduan zirrara batek jota. Ziritarren tragedia eta beren historiaren mamia kontatzera zihoan. –Kairuaneko ulemek eta Zidane Kazar-rek, Badis-en amaren aita arabiarra eta gorteko interesak defendatzen zituena, imazighen legeen eta interesen kontrako politika jarraitu zuten. Fatimiek, burgesek eta gorteko administratzaileek botere ahula nahi zuten, baina era berean nomaden aurkako neurriak hartu zituzten, sanhaya eta beste tribu imazighem kontrakoak hain zuzen ere. Abeltzainen ur eta pasabideko antzinako lege-arauak estutu eta zailagotu zituzten. Bestetik, ziritarren hiru printze nagusiak elkarren aurka jarri nahi zituzten. Hamud ben Bulugin, Maksan ben Ziri eta Zawi. Osaba Zawik borroka odoltsuak ez sortzeko Hamud bahitu eta mendebalera bidali zuen, baina ez zuen Maksan, gure aita, konbentzitu eta honek Medea bere jabegoa utzi, Argel hartu eta tribuei deitu zien Kairuaneko botere ustelaren kontra. Zidanek fatimien armada batekin inguratu zuen Achir, Zawiren hiria, eta gau batean gure aita Maksan eta anaia erail zituen – berriro gelditu zen Habus. Indarrak bildu zituenean jarraitu zuen. –Zawik, al-Manzorren eskaintza aprobetxatuz, ahal izan zuenean sanhayar tribuko gerlariei deia egin zien, bere eta gure familia hartu eta al-Andalusera ekarri gintuen duela hiru urte. Gure lehengusu Hamud Argelen dago, sanhayar tribu batzuen buru eta Badis Kairuanen emirra da. Zuek, Baskoniako errege leinuen artean gerra odoltsurik ez izatean zorionekoak zarete. Ez dakizu zer den ahaideak horrelako egoeran izatea. Azenari, gomendio bat ematen uzten badidazu, zure lasaitasuna oinordetza baino garrantzitsuagoa dela esango nizuke. Zer egin behar duzu, zure osaba eta anaia hil? Hobe zaude gurekin gerlari on bat bihurtu artean. Ni zure laguna nauzu. Badakizu. –Beren istorioen gertaera latz eta larriak zirela-eta, bi mutikoak hunkituta, besarkada handia eman zioten elkarri. 21 - Salma, Zana eta Miriam. Salma Azenariren amodio platonikoa zen. Adin diferentziaz aparte, ezinezkoa zen kristau batentzat emakume musulman batekin ibiltzea eta horretaz gain printzesa izaki, noble boteretsu batekin ezkondu nahi zuten. Lagunak ziren eta kito. Bestela gertatu zen Zanarekin. Bera ere musulmana zen, baina zerbitzaria eta adin beretsukoa. Elkarrekin aritzen ziren askotan. Zana, Salmaren zerbitzaria zen, Ifriqiyatik etorri berria. Bihurria, alaia, ederra eta berritsua zen. Zanak askotan zirikatzen zuen Azenari. Lagunak izatera heldu ziren. Habus gaixotu zen garaian gertatu zen. Denbora luzez egon zen ohean indarrik gabe, sukar handiz. Habusek ez zuen neska gustuko eta Azenarik lagunari bisita egin ondoren, harekin elkartzen zen arratsetan besteei bromak egiteko. Joko bat bezalakoa zen arratsetan elkartu eta jauregian edo inguruetan jendea ikuskatzea. Ahal bazuten ziri ederra sartzen zieten petralenei. Egun batean jakiren bat lapurtzen zioten sukaldariari, hurrengoan zerbait ezkutatzen zioten mayordomoari edo bestela haren laguntzaileari... Ondoriorik gabeko bihurrikeriak ziren gehienak. Pixkana konturatu gabe, ordea, elkarrekiko harremana beste gauza bat bihurtu zen. Gau batean, gauerdia baino lehen, garbitokian Hasam mayordomoaren laguntzailearen arropa garbia ezkutatu zuten kostata aurkituko zuen leku batean. Arropa artean, pertsona ezagunen jantziak probatzen ari zirela, Zanak barreari eutsi ezinik, Azenarik ahoa estali eta konturatu gabe estutu zuen haren gorputz mehea. Neska barretik borrokara pasa zenean, lurretik arropa gainean bueltaka bata bestearen gainean ibili ziren, ahoan musu luze batekin elkar harritzen zuten bitartean. Momentuan izutu baziren, berehala ekin zioten laztantzeari. Zanak moztu zuen, korrika bere gelara joan zenean. Azenarik amets batean bezala pasa zuen hurrengo egun osoa. Zana baino ez zuen buruan. Gauean neskak bilatu zuen mutila eta hornitegi batera eramanda jarraitu zuten musuka eta laztanka. Denbora luzez elkartzen ziren besteak oheratzen zirenean. Bi gaztetxoak, artean ez zituzten hamabi urte eta jolasak baino ez ziren haiek. Bestalde, Habusek bien istorioa jakin zuenean, sartu gabe, harreman mota hura uzteko aholkatu zion Azenariri. Nolabait ere, isilean eraman zuten haien artekoa eta oso noizean behin elkartzen ziren ezkutuan. Arazo handiak izan ahal zituztela konturatu ziren nonbait. Udaberri hasiera hartan jakin zutenez, Kordobako armada Gaztelako lautadetara bidaliko zuten. Carrioneko kondearen laguntza izanen zuten. Beni Gomez-ak Sancho Garciaren etsairik handienak ziren betidanik eta Menendo Gonzalez Galiziako kondeak ere gerlariak bidaliko zituen Kordobakoekin batera Dueroko herriak eta gazteluak birrintzeko. Udaberri hartan, Habus eta Azenari Sevillara bidali zituzten banu Hayyay familiakoekin arabiar hizkuntzan, filosofian eta matematikan trebatzeko. Apiriletik abuztura Abu Umar Ahmad ben Muhammad ben Hayyay-k, Sevillako aristokrata eta geoponoa, bi mutilak gonbidatu zituen Zawiren zorduna sentitzen zelako. Aurreko udan Zawik bere seme bat salbatu zuen Igualadako borroka batean eta honek ordainetan bere laguntasuna eskaini zion. Banu Hayyay familia Sevillako boteretsuena zen. Garai batean banu Jaldunekin batera arabiar aristokraten interesen alde borrokan ibili ziren banu Angelino eta Sabarico muladien kontra. Ehun urte lehenago muladiak eta banu Jaldunak garaituta, Kordobatik autonomia lortu zuten eta ordutik Sevillako gobernua kontrolatzen zuten. Hayyay familiak ez zuen inolako interesik Kordobako gobernuan eta Zawiri esker onez, Abu Umarrek lagunduko zion mutilen heziketan. Mutilak kultura arabiarrean sakontzeko zailtasunak jakinda, gustura gonbidatu zituen bere etxera. Mutilak eta beste bi morroi gazte Sevillako hayyaytarren jauregian maisu espezializatu batzuekin, arabiera, poesia, filosofia eta matematika ikasten arituko ziren. Hura, benetako eskola bat zen. Morroiek ez ezik, muladi eta arabiar jatorriko gazteek ere ikasten zuten. Lau “sanhayarrak” aparte, beste lau kanpotar ari ziren ikasten, Kordobako muladi bat, beste bat Alakantekoa, Zarakustako mozarabe bat eta Toledoko judutar bat ziren. Sevillakoak bi baladi, bost muladi, mozarabe bat eta beste judutar bat. Beraien artean taldeak egiteko arrazoia, erlijio edo jatorri soziala baino bertakoak ala kanpotarrak izatea izan zen. Sevillako jaldundarra eta hayyaytarra bost morroi muladiekin eta beste erlijiokoekin elkartzen ziren edozeren gainetik sevillatarrak sentitzen zirelako. Bestaldetik kanpotarrek beste erremediorik gabe bat egin behar zuten defendatzeko. Baina konpetentzia hori kirol eta jokoetarako mugatzen zen, ikasketetan zirikatzea debekatu baitzieten, zigor gogorrak jasotzeko mehatxupean. Mutilek, programa bat jarraituz, egunero ariketa fisikoak, garbiketa eta gosariaren ondoren ordu batzuk ematen zituzten jakintsu haiekin. Matematika eta aritmetikaren ondoren, filosofia ikasten zuten eta arabieraren ikasketa gogorrak izaten zituzten beranduago. Arratsaldean otordua eta atseden txikiaren ondoren jarraitzen zuten arabiera eta poesiarekin. Korana erabiltzen zuten askotan. Arabiera garbian hitz egin behar zuten eta akatsak zuzentzeko lan gogorra eginarazten zieten. Noizean behin, larunbat gehienetan, ikasketa bereziak izaten zituzten janzkerari buruz edo zaldun eta noble batek jakin beharrekoaz. Abu Umar Ahmad, hayyay-tar buruak berak nekazaritzaz eta abeltzaintzaz irakatsi zien: –Bihar eta etzi gure almunia ikusiko duzue. Guk, lurraren jauntxook ere –esan zuen ironia eta umore ona zuela erakutsiz–, lurraren produkzioa, administrazioa eta nekazarien ongizatea bilatu behar dugu. Aurreko saioetan laborerako garaiak, lurraren prestaketa, ongarritze, ureztatze sistemak, jorraketa, inausketa, txertatze eta uzta biltzeko elkarlanaren banaketaz hitz egin nizuen eta idazkiak irakurri dituzue. Orain, almuniako nekazarien bizitza, baldintzak eta lan banaketa onak zein diren aztertuko ditugu. Alaren nahia eta justiziaz gain, hobe da lan egileak osasuntsu eta prestuak izatea –hala mintzatu zitzaien jaun handi hura. Hurrengo egunean bi legoara zegoen almuniarik aberatsena ikusi ahal izan zuten. Laboreak zainduta ikusten ziren, biltegiak ordenatuta eta animaliak osasuntsu. Etxe handiaren ondoan langile eta morroien etxeetara joan ziren. Pertsona zaharrek eta ume txikiek jantzi egokiak eramaten zituzten. Emakumeek etxe garbiak mantendu, janaria prestatu eta bertan langintza batzuk burutzen zituzten. Gazteek lanbideak ikasten zituzten. Administratzaile nagusi eta zerbitzu-buruarengana joan ziren. Abu Umar Hayyay-k azaldu zien haien funtzioa: –Administratzaileak funtzionamendua zuzentzen du. Nik nahi dudanean etxaldearen martxaz galdetzen diot eta aldaketak agintzen dizkiot, baina Madmudek ez dit esan behar dena, gauzak zuzentzeko. Abdula, Madmuden agindupean dago; baina, egin beharrekoa garbi izan ondoren, berak daki lana nork eta nola egingo duen, materialak eta denborak kontuan izanda. Edonola ere, jendea, nekazariak zaindu behar ditugu. Ezinezkoa ezin da eskatu. Bi mutilek asko eta gustura ikasi zuten. Arratsaldeetan jolasten ziren jauregi handi hartan. Neskarik edo emakumerik ez zuten ikusten, baina ez ziren aspertu. Xakean ikasi zuten, joko eta pilota kiroletara jokatu zuten taldeka. Beti Sevillakoek kanpotarren kontra jokatzen zuten ia araurik gabe, buru baten tamainako pilota beste taldekoen atarian sartu behar zuten, gehienetan esku-besoez hartuta eta kideen laguntzaz. Bultza, traba eta kolpe txikiak onartu arren, ez zuten borroka zuzena eta buruan kolpatzea onartzen. Egun batzuetan zalditan ateratzen ziren paseatzera. Giro ona zuten gehienen artean. Bazen gaizki tratatzen zituena, baina berdin jokatzen zuen beste batzuekin. Uda aurreratu ahala gero eta gusturago zeuden ikasketetan. Arabieraz aurrerapen handia egin zuten. Habusek honela adierazi zion Azenariri: –Azenari, arabiar jatorriko aitonen seme ematen duzu. Arabiera baino ez dakienaren ahoskera duzu. –Ez adarrik jo. Barregarri ez gelditzearekin konformatzen naiz. Zuk bai aurreratu duzula! Poesia ederrak egiten dituzu. –Egia da poesia gustatzen zaidala. Txikitatik Zawirekin arabiar poesia entzun dugu eta orain nik neuk egiten asmatzen dut, nonbait. Baina zuk izugarri aurreratu duzu. Benetan. Nekatuta ez zaudenean arabiar jatorrikoa ematen duzu. –Zuk esan duzu. Nekatuta ez nagoenean. Solasaldian Habusek eta Azenarik aipatzen zuten bezala, bi mutilak, gauero afaldu ondoren eta lotara joan aurretik, poesia eta istorioak entzuteko elkartzen ziren besteekin. Eguraldi txarra zenean ikasteko erabiltzen zuten gelan edo maiz gau epel eta izartsuetan terrazan elkartzen ziren infusio bat hartzeko. Azenarik gustura entzuten zituen Arabiar jatorrizko istorioak, elezaharrak eta ipuinak. Siria, Mesopotamia edo Arabian lekututa, hango hiri, herri, oasi edo basamortuetan gertatzen ziren borrokak, abenturak eta amodiozko istorioak. Beti, noble arabiarra zen protagonista. Afrikan eta al-Andalusen ere gertatzen ziren narrazio haietako batzuk. Hasieran, Azenarik entzun baino ez zuen egiten; denborarekin Euskal Herriko sorgin, basajaun, lamia eta mutil ausarten istorioak etorri zitzaizkion gogora. Behin basamortuan eta oasi batean girotutako abentura gogoan, isiltasunean, artean istorioaz gozatzen ari zirenean, Azenarik nahi gabe aipatu zuen bere herriko istorioak, erreka, mendi, baso eta leizetan gertatzen zirela eta beste mutilek zerbait kontatzera behartu zuten. Kostata hasieran, poliki giro eta pertsonaia desberdinez jantzitako kontakizuna gogoratzen hasi zen. Mariren istorio bat zen. Paisaia miragarrian, istorioaren edertasunak eta ontasunak sorginduta zituzten entzuleak. Momentu batean gelditu zenean, beste mutilen begiradek eta etxeko Amin ben Hayyayk jarraitzera animatu zutenean, beste erremediorik ez zuen izan. Oso ongi kontatu ez bazuen ere, istorio desberdina zenez, denek gustatu zitzaiela esan zioten bukatu zuenean. Horrela, gauero zerbait kontatzera animatzen zuten eta poliki, asko aurreratu zuen arabiar hizkuntza praktikoan, besteak entzunez eta bera mintzatuz. Habus, ordea, poesia errezitaldietan zen gustura. Ia istorioetan izaten ziren gai berdinak oinarri, poesia arabiar klasikoak irakurri edota buruz errezitatzen zituzten. Gazte sanhayarrak parte hartu zuen entzunaldi eta irakurketetan, baita poesia bat edo beste prestatu eta besteentzat aletu. Amin ben Hayyayk ongi hartu zituen Habus eta Azenari. Bera zen Abu Umar Ahmad, hayyay-tar buruaren laugarren semea eta gainera orduko emazte kutunarena. Ez zen batere harroa. Kirolak, zaldiak, ehiza eta zetreria gustatzen bazitzaizkion ere, kultura eta jakindurian interesa handia zuen eta sentibera zen. Berari esker taldean ez zen giro txarrik. Bestela, oroitu behar da hayyaytarrak borrokalariak izateaz gain, jassako askok bezala, edozeren gainetik kultura interesak zituztela. Umar aita bezala, Amin ez zen nolanahikoa. Amin bi mutilengana hurbildu zen. Berari gehien gustatzen zitzaiona istorioen kontaketa zenez, Azenariren hurbiltasuna bilatu zuen. Gaueko bileraz gain, edozein momentutan izaten zen “baskuni”-arekin, berak deitzen zuen bezala. Maiz galdetzen zion Baskoniaz, edo frankoen lurraldeaz. –Al-Baskuni, Aznarri, esadazu nolakoak diren Pirinioetatik iparraldera dauden lurraldeak. Dena baso handi bat al da? –Nik ez ditut lurralde guztiak ezagutzen. Gure lurretan mendialdea pasata, Garuna ibairaino Waskonia dago eta gure herrikoak dira. Barcelonako markatik iparraldera, Langedoc, Okzitania eta Akitania daude. Azken horietan eta Frantziako erresuma handian frankoak bizi dira. Hiri txikiak dituzte, nekazal lurrak herrien inguruan daude eta arrazoi duzu lur gehienak basoz beteta daudela aipatzean. Batzuetan egunak pasatzen dira basoak zeharkatzeko eta herri batera heltzeko. –Eta frankoak hain gerlari onak al dira? Armada handiak al dituzte? –Nik ez dakit oso ongi. Gure aitak esaten zuen garaiezinak direla zaldi handien gainean armadura astunak eta zeharkaezinak janzten dituztelako –Azenarik ulertu zuen Aminek jakin-mina zeukala iparralde urruneko herri eta bizitzaz eta pentsatu zuen berak, bitartean, al-Andaluseko jendarteaz jakin-min berdina zuela. Solasaldia bukatuko zelakoan, ausartu zen galdetzera. –Barkatu Amin, ez bazaizu inporta nik jakin nahi nuke zuek jassakoon baloreak zein diren –adi begiratzen ziola eta baiezko keinu batekin kontatzera animatzen ari zela konturatuta jarraitu zuen–. Ez dut ulertzen al-Andalusen talde desberdinen artean duzuen etsaigoa. –Hayyaytarrok ohorea dugu balorerik gorentzat. Gure aitak familia du bere helburu nagusia. Islama da gure erlijioa, Ala gure jainkoa eta Muhammad da gure profeta. Balore horietaz landa edertasuna eta bizitzaz gozatzea da gure eguneroko jarrera eta ez ditugu nahi zabarkeria eta gaiztakeria. –Bai, ulertzen ditut balore horiek nobleenak baitira. Hala ere, ez dut ulertzen eslaviarrekin duzuen etsaigoa eta muladiekiko ezinikusia; eta bestetik, ez dituzue beste erlijiokoak gaizki tratatzen, kristauok egiten dugun bezala. –Oso gai korapilatsua da hau. Nik esango nuke oso lehiakorrak garela eta proba da duela ehun urte baladion artean eta muladien aurka izandako borroka. Ordutik garbi gelditu zen zein ziren agintariak. Gu hemen gara agintariak eta Kordoban omeyatarrak. Edo ginen... –Baina zergatik duzue eslaviarrekin halako etsaigoa? –Kontatu behar nizun Almanzorrekin Kordoban gauzak aldatu zirela. Almanzor gutako bat zen, jatorrizko arabiarra, baina botere osoa kontrolatzeko bere fata eslaviar batzuei eman zien administrazioko postu gorenak. Horregatik gorrotatzen ditugu. Berdin zaizkigu jendarteko maila baxuagoan dauden merkatari muladiak eta mozarabeak. Horiek ez dute garrantzirik. Judutarrak merkataririk handienak, bankari, zientzialari eta jakintsuak dira, jendartean arriskurik sortuko ez dutenak. Musulmanak gara eta dinmiak, liburuko erlijio kristaukoak eta judutarrak errespetatzen ditugu. Eta berbereak, gerlariak baino ez dira. Boterea hartu duten eslaviarren kontra, horra hor gure oraingo borroka. –Bai, ulertu dizut. Eskerrik asko. Sozietateko baladiek, agintari eslaviarrek, muladiek, mozarabeek eta berbereek elkar mesprezatzen dute eta elkarren kontra egiten dute borroka. Horra hor al-Andaluseko arazoa. –Baliteke arrazoi izatea. Beste arabiarra, jaldundarra, ez zen haiengana hurbiltzen. Bakarrik hayyaytarrarekin zituen harremanak. Beste mutilek, muladi sabaricotarra barne, ez zieten kasu gehiegirik egiten, ez hurbiltzeko ezta kontran jartzeko ere. Mozarabeak eta judutarrak, dena den, aparte ibiltzen ziren ahal zuten guztietan. Zorionez, jaldundarrarekin izan ezik, Habusek eta Azenarik ez zuten inorekin arazorik izan eta udaberri eta uda zoragarriak pasa zituzten. Ostiraletan meskitatik pasa eta gero, gehienak hurbiltzen ziren ibai ondora arratsalde beroetan zuhaitzen freskura bilatzera eta uretan jolastera. Handik gutxira, irailaren erdialdean itzuli ziren Kordobara. Garai hartan Azenarik izan zuen Auria eta Anaren berri. Al-Rusafako morroien artean galdetu zuen ordura arte emaitzarik gabe. Egun batean morroi-lagun batek haien berri eman zion. Banu Hudayr familiako baten konkubinak ziren. Umeak izan ondoren izenak aldatu zizkieten. Etxeko andreak ez baziren ere, ongi bizi ziren harenean. Haientzako mezu bat bidaltzea lortu zuen eta erantzun gisa beste bat jaso zuen. Pozik hartu zuen lagunak izandakoen berri. Hala ere, oharrak triste utzi zuen: “Kaixo, Azenari. Gu ere pozten gara gauzak ongi atera zaizkizulako. Gure bizitzan umeak baino ez dira inportanteak. Sentitzen dut adieraztea, baina ezin dugu harremanetan jarraitu, ezta eskutitz edo oharren bidez. Gure senarra oso jeloskorra denez gero, gure eta umeen onerako utzi behar diogu harremanak izateari. Hoberena nahi dugu zuretzat, baina agurtu behar zaitugu betiko. Maitasunez, Auria eta Ana.” 1004ko udazkenean Zawi eta gerlariak itzuli zirenean bi gaztetxoak Kordobako madrasa nagusira bidali zituzten ikastera. Edonola ere, arabierarekin ikasketak jarraitzeko gramatikari on batengana zuzendu ziren. Asteazken eta ostegunetan zenbait orduz ikasten zuten. Yehuda ben David, Hayyuy deitzen zutena zen beren maisua. Hayyuy, Menahem ben Saruq gramatikari handiaren ikaslea izan zen. Judutarra izanda ere, arabiar kulturaz eta hizkuntzaz Kordobako eta al-Andaluseko irakaslerik onenetarikoa izango zen, onena ez esateagatik. Jassak ezin zuen onartu, baina beste hizkuntzalariek askotan galdetzen zioten zalantzak zituztenean. Hayyuy-k ikasle gutxi batzuk zituen, onak edota interes handia erakusten zutenak. Azenarik eta Habusek beste gai batzuk ikasten zituzten: matematika, geografia eta astronomia Arum al-Basrranik erakusten zien larunbat eta igandeetan eta filosofia eta dialektika Hammud ben Jariyak erakusten zien astelehen eta astearteetan. Hayyuyren irakaspenak meskita nagusiaren ondoko madrasan izaten ziren. Hala ere, udazken hartan meskita nagusian biltzen ziren maisua eta ikasleak. Bazkaldu eta deskantsatu ondoren limoiondoen itzalpean, patio nagusian esertzen ziren potin edo botijo batzuen inguruan beraiek eramaten zituzten kuxin batzuen gainean. Maisuak galderak egiten zizkien eta zekitena eta ez zekitena jakin ondoren, zalantzak argitzen zituen zenbaitetan idazki batzuk irakurraraziz. Oso gizon apala zen eta ongi ulertzen zitzaion. Berarekin gustura ziren ikasleak eta ez ziren gaizki sentitzen galdetzean eta erantzutean. Ikasleak ez ziren asko eta parte hartu ahal izaten zuten arazorik gabe. Berehalaxe ezagutu zuten elkar. Ikaslerik aurreratuenak baladi bat eta judutar bat ziren. Lehena, ibn Hazm ministroaren semea zen, Abu Muhammad Ali ben Said ben Hazm, mutil argia, polemikazale eta haserrekorra zen; bestea, Semuel ben Nagrela, argia bazen ere, lasaia eta atsegina. Batzuetan, Hayyuy maisuak esapide edo hitz baten jatorria ematen zien hebraieraren adibide bat emanez eta Hazm-ek eztabaidatzen zion edo dudatan jartzen zuen hebraieraren erabilpena, arabiera aparta eta hizkuntza nagusia zela uste zuelako. Semuelek, berriz, maisuarekin ados, arabiera ezagutzeko hebraieraren balioa defendatzen zuen. Habusek eta Azenarik arabieraren ezagutza sakondu zuten eztabaidetan parte hartu gabe. Hazmek interes handia zuen gai desberdinetan eta edozein momentutan aprobetxatzen zuen gai haietan aritzeko. Teologiaz mintzatzen zen askotan Semuelekin. Beste baladiekin arabiar leinuez aritzen zen eta edonorekin eztabaidatzen zuen filosofiaz, Aristotelesen razionalismoa defendatuz. Zioenez, egia eta faltsua ezagutu zitekeen zentzu ona erabiliz. Edozein modutan, bestetik, Alarengan fedea jartzen zuen edozeren gainetik eta besteen arrazoiak Koranaren aipamenekin isildu nahi zituen. Azkenik, berarengan bitxiena, uste zuen gizakiaren helburua bere atsegina bilatzea zela. Aldi berean bere helburuaren arabera arrazoi nagusi asko eta desberdin erabiltzen zituen baladi argi hark. Bi mutilek asko ikasi zuten giro eta pertsonalitate haiekin. Bazen noizean behin agertzen zen gazte helduago bat. Ibn Hayyan, Abu Marwan Hayyan ben Jalaf ben Hayyan, gazte baladiak beste ikasleek baino lauzpabost urte gehiago zituen eta katib baten laguntzailea zen. Bere aitak Abd al-Maliken vali bat zen eta politika eta historia interesatzen zitzaizkion. Heziera onekoa zen, besteekin errespetu handikoa eta iritziak asko pentsatzen zituen. Hazmekin elkartzen zen klaseak bukatutakoan, gustuko gaiez mintzatzeko. Gehienetan, omeyatarren dinastiaren zuzeneko agintearen aldeko argudioak defendatzen zituzten. Habusek harreman ona egin zuen Semuel Nagrelarekin. Askotan klaseak hasi aurretik, maisuaren zain zeudenean eta Hazm bere eztabaidetatik libre uzten zituenean, Habusek eta Semuelek judutar herriari buruz hitz egiten zuten, Habusek amona bat judutarra baitzuen eta gezurra bazirudien ere sentimenduez mintzatzen ziren. Azenarik Hayyanekin mintzatzen zen al-Andalus eta iparraldeko erresumei buruz, Hazm agertu eta bere iritzia jarri arte. Harrigarriena Hayyuy maisuaren obsesio bat zen: ikasle guztiak, kristau edo judutar izanda ere, hafiz bihurtu nahi zituen. Hafiz-a al-Koran memoriaz dakitenen titulua zen eta arabiera ongi ezagutzeko korana ongi ezagutu behar zutela uste zuen. Hurrengo urteetan mutilak gerlari bezala trebatu eta kultura arabiarrean murgiltzen ziren bitartean, Zawi Zirik gero eta garrantzi gehiago hartu zuen Abd al-Maliken ondoan. Hiriko agintaritzaren kontrola hartu zuen, nahiz eta sahib al-Surta eta arifak arabiarrak izan. Ordura arte berbereek ez zuten hainbesteko garrantzirik izan. Al-Andalusen mendeetan joandakoak, jendartearen behe maila osatzen zuten. Konkistatzaileen artekoak izanda ere, gehienak nomada pobre eta kultura gabeak izateagatik, mendialdeko eta barnealdeko lurralde lehor eta pobreetara bidali zituzten. Orduan, Almanzorrek administrazioan izendatutako eslaviarrak neurri batean baztertuz, berbere buruak Abd al-Malikekin postu militar gorenetara heldu ziren, Zawi, diktadorearen eskuin eskua izanik. Zawik pisu handia hartu zuen Kordoba hiriko administrazioan eta baita bizitza sozialean. Berbereak ongi etorriak izaten ziren Medinat al-Zahiran. Azenari eta Habus gonbidatzen zituzten festa eta bilera askotara. Han topo egiten zuten boterearen inguruan mugitzen ziren pertsonek eta taldeek. Azenarik pertsona bitxiekin hitz egiten zuen. Behin hamasei bat urteko mutil eunuko eslaviar bat ezagutu eta al-Hisham kalifaren ingurua ezagutzeko aukera izan zuen. –Barkatu baina nolakoa da zuen bizitza? –Normala. Gure lana, fata nagusiek agintzen digutena betetzea da. Lasai, ulertu dizut eta badakit zer jakin nahi duzu. Guk kalifaren etxeko beharrak betetzen ditugu. Hareneko konkubinak eta printzesak zaintzen ditugu, baina gure nagusiak al-Andaluseko Altxorraren administratzaileak dira eta paper garrantzitsua dugu Estatuaren martxan. Abd al-Maliken etxean ere guk antolatzen dugu dena. –Emakume horiekin harreman onak al dituzue? –Dimni, nire gustukoa zarenez esango dizut gu morroiak baino lagunak garela beraientzat. Batzuetan lagun-lagunak gara eta agerian ez den bitartean ez dugu arazorik. Ez gorritu. Zure aurpegiagatik dakit zer pentsatzen duzun. Gu eunuko gara. Ezin dugu umerik sortu, baina zakila dugu eta gozatu ere gozatzen dugu. Nik harremana izan dut printzesa batekin baino gehiagorekin, baina nahiago ditut mutilak, zu bezalakoak... –Orduan bai lotsagorritu zela Azenari. Dena den, gauzak argi utziz, jakin-minez galdetzen jarraitu nahi zuen. –Nik mutilekin ez dut bat ere..., ezer egiteko gogorik... Mesedez, esadazu eslaviarrok nola konpontzen zareten arabiar jatorriko agintariekin. –Eguneroko lanak egiten ditugu. Nolanahi ere, baladiek mesprezatzen gaituzte eta ez dute eslaviar bat ikusi nahi. Administrazioko postuetarako borrokatzen gara, baina amiritarrek nahiago gaituzte, fidelagoak garelako. Ez dugu ondorengorik boterea pasatzeko eta gure etorkizuna gure nagusien esku dago. Hala ere, zuek sanhayarrak ere bazarete etsai handiak. Zawik gure esparru batzuk kendu dizkigu. Kontuz ibili zaitezte boterearekin, zuen aurka buelta daiteke eta. Egun batean kalifak boterea berreskuratuko du, Madinat al-Zahrara joango gara eta zuek kuartel ziztrinetara itzuliko zarete. –Badakizu ni ez naizela sanhayarra eta kristaua naizela ezta? –Bai badakit. Azenari ben Enneg al-baskuni zara, Habusen laguna. Baina sanhayarrekin zaude eta zure jatorriak ez du garrantzirik. Ni neu ez naiz eslaviarra, germaniarra baizik. Kalifaren guardia ere eslaviarra deitzen badute ere, gerlari gehienak frankoak eta germaniarrak dira. Egia da fata buruak jatorri eslaviarrekoak direla, baina kalifaren guardian eta eunuko gehienak germaniarrak gara. Orain, ez bazaizu inporta mutil eder baten bila ibiliko naiz. –Horrela agurtu zuen eta festaz gozatzen jarraitu zuen Azenarik. Beste batzuetan baladiekin eta baita omeyatarrekin izan zuten tratua. Lehenengo hauek erabat baztertuta sentitzen ziren, baina beren gorrotoa eta haserrea eslaviarrentzat gordetzen zuten, berbereen garrantzia pasatuko zelakoan. Festak, urtebetetzeak eta erlijio festa nagusiak ospatzen zituzten. Hala ere, janari goxoak eta ardo kilikagarriak hartu ondoren, asko mozkortzen ziren eta festa gehienak musika eta dantza lagun, bakanal eta orgia bihurtzen ziren. Gutxitan izaten ziren literatur eta hitzaldi gauak, baina mutilei azken hauek gustatzen zitzaizkien. Urtero azzeifa bat edo gehiago egiten zuten kristauen lurretan. 1005. urtean Galiziara bidali zuten armada. 1006an Oska eta Barbastrotik pasata, Pirinioetako hiriak hartu zituztela zabaldu zen. Azenarik, Abinyunash birrindu eta Shant Yuanisch mehatxatu zutela entzun zuenean, pentsatu zuen San Juan hori Baskoniako Aragoi aldeko Peñako San Joanes santutegia izango zela. Kapitain sanhayar bati galdetu zion eta lasaitu ederra hartu zuen. Armada musulmana ez zen Baskoniako lurretan ibili. Gero, Zawik berak kontatu zion nahiz eta ez birrindu, Roda eta Ribagorza Behea konkistatu zutela, herri haietan baziren bi leku San Juan izena zutenak. Iruñeko erresumakoak ez baziren ere, han baskoiak bizi zirela entzuna zuen Azenarik. Horrek tristetu zuen mutila. 22 - Abd al-Maliken kontrako altxamendua. Tarafa, Almanzorren fata edo konfiantzazko esklaboa, al-Zahirako maiordomoa zen bere nagusia hil zenean. Beste fata amiri garrantzitsu batzuk ziren: Wadih, erdiko markako agintari militarra eta Zuhair, Jairan eta Muchahid administrazioan. Denek osatzen zuten Kordobako aristokrazia eslaviarra, arabiar aristokraziako Jassarekin lehian postu administratibo edo militar garrantzitsuenak lortzeko borroka bizian arituz. Tarafak, hadhib-a, lehen mandatariaren postua lortu zuen. Tarafa bera, Abd al-Malik ben Idris ben al-Chaziri, gorteko idazkari edo katibarekin eta Isa ben Said al-Qatta visirrarekin elkartu zen konspiratzeko, azpijoan aritzeko, denak Almanzorren babespean igo zirenak. Isa ben Saidek, banu Hudayr eta banu Futays-ekin bat egin zuen, baladiak armadako postuetan sartzeko, Abd al-Malik eta Hisham II.aren kontra egiteko eta Abd al-Ramman III al-Nasirren biloba zen Hisham ben al-Chabbar boterean jartzeko. Abd al-Maliken amak, al-Dhalfa, konjuraren jakitun, horren berri eman zion semeari. Honek ez zuen sinetsi nahi, Isa ben Said eta Tarafa bere aitaren babespean goratu baitziren eta ordura arte konfiantza osokoak baitziren. Dena den, al-Dhalfaren probak baieztatu zituen eta exekutatu behar izan zituen. Ben al-Chabbar eta ben Idris al-Chaziri kartzelan sartu zituzten. Banu Hudayr eta banu Futays-eko buruak probarik gabe libre gelditu ziren. 1007an egin zuten azzeifa Gaztelaren aurkakoa izan zen. Sancho Garciak beste agintari kristau batzuekin Kordobaren kontra egin zuen berriro. Orduan Habus eta Azenari joan ziren mandatari lanetan aritzeko. Hamabost urterekin biak altuak eta gihartsuak ziren, arma-ariketetan trebeak baina borroketan esperientziarik gabeak. Bidaia hartan agintarien mezulari eta zerbitzuetan ibiliko ziren. Mutilei egunak pasa zitzaizkien konturatu gabe. Nagusien mandatuak bete bitartean, ez ziren konturatu bestelako prestaketez. Ekainean Guadiana pasatu eta Talavira aldera abiatu ziren. Lautada lehorrak zeharkatu zituzten. Zereal soroak horiztatzen ari ziren. Uztak berehala izango ziren. Tietar bailaran sartu ziren. Almendrondoak loretan ikuskizun zoragarria zen. Lautada lehorretan hainbat astetan aritu ondoren, mendi alderako inguru berdeak ematen zuen atsedena ez zen gutxi. Gredoseko mendateak eta maldak pasatu zituztenean belardi goxo berdeetan, ardiak, behiak eta zaldi taldeak ikusten ziren. Toledoko kora osoko jauntxoen animaliak ziren. Zaldiak ehiza eta gerrarako aproposenak ziren, azkarrak, eta erresistentzia handikoak. Zaldi talde gehienak arabiar-berbereak ziren. Azenari, armadaren atzealdean mandatu bat egin ondoren, zaldi taldeei begira gelditu zen. Behor-talde handiak ikusten ziren, hainbat familiatan elkartuta, moxalak eta zaldikoak ondoan zituztenak. Talde batzuk tordoak; besteak zuriak; bayo eta beltz banaka batzuekin nahasita zeuden. Zaldi berbereak arinak, gogorrak, erresistentzia handikoak ziren eta arabiar osoak baino lasaiagoak. Azenarik ez zuen armada-burutzara itzultzeko premiarik eta zaindariengana hurbildu zen hitz egiteko. Haietako bi, goialde batetik zaldi banatan armadaren azken konboiei begira zeuden. Erromantzez agurtu eta galdetu zien: –Egunon jainkoak. Azenari naiz, jaun berbere baten mezulari lanetan. Norenak dira zaldi talde hauek? –Baita zuri ere. Ni Alonso naiz, morroien nagusia eta hau semea duzu. Hor ikusten dituzunak banu Yaisen behor-taldeak dira. Yaistarrak dira Toledoko zaldi saltzailerik handienak –bota zuen morroi nagusiak harro baino harroago, bereak balira bezala–. Behortegi batzuk dituzte, odol hari desberdinak mantentzeko. Gredoseko bailara hauetan bost behor-talde ditugu. Bakoitzak ehun bat behorrez osatua. Ikusten duzun taldea, berbere arrazako behorrak eta al-Mundir izeneko zaldiaren odol harikoak dira. Urtero bostehun moxal hazten ditugu, erdiak salmentarako. Ardiak eta behiak ere baditugu –gizonaren jarioa ez zen eteten. Nabari zen jarraitu behar zuela. Azenarik moztu nahian edo, galdetu zien. –Zuen lana astuna al da? –Ez asko. Moxalen jaiotze-laguntzetan ia bukatuta, zaindu baino ez dugu egiten. Hogeita bat gizonekin egiten dut lan eta udazkena bitartean hemen ibiliko gara begirale, lapurretarik ez izateko. Beno, gaztagintzan ari dira mutilak gelditu gabe. –Gaztarik salduko al didazue? –Saldu ez. Ezin dugu. Trukean zer emango zenuke? –aldean zuena begiratu zuen. –Labana ezin dizuet eman, bakarra dut-eta. Zapia nahi baduzue. –Bost gazta biengatik. –Zapia bi gazta horien truke. Bat bakarra aski dut, baina. –Labanaren truke emango dizkizut. –Ezin dut. Oparia da eta dudan on bakarra. Ez dago traturik. –Ongi da. Zapiaren truke –trukea egin, agurtu eta armadaren azken gurdi eta gerlarien atzetik abiatu zen poliki, talde ederren artetik animalia zoragarriei begira. Tormes haran eta errekatik behera jarraitu zuten. Muga-lurralde hura biztanle gutxikoa zen. Errege, konde edo emirren agindurik gabe, artzain eta nekazari libreen tokia zen alde batetik, segurtasunik gabekoa bestetik. Baso askoren artean noizean behin belardiak izaten ziren. Han arituko ziren ardiak eta artzainak alde eginda, ez zuten inorekin topo egin. Salmantika erromatar hiri zaharraren hondarren ondotik pasa ziren. Ez zuten zuzenean Gaztelara joko. Zamora bidean, Leongo armada, ordura arte Dueroko ekialdean aliatuekin batera, Gaztelako armadatik apartatu zen bere lurraldea defendatzeko. Zamora eta barneragoko gazteluetan errefortzuak jarri zituzten eta enbaxada bidali zioten Abd al-Maliki. Amana, bakea eskatu zioten, animalia-saldoak eman zizkieten mairuei eta gerlari talde handia Gaztelakoen kontra borrokatzera bidali zuten. Duerotik gora jarraitu zuten oztoporik gabe. Herriak defentsarik gabe zeuden. Peñafielen eta Roan gelditu ziren atseden hartzeko eta gazteluak inguratzeko, zaldun talde batzuk barnealdera razziak egiten zituzten bitartean. Habus kanpalekuan geratu zen sanhayarren janari eta hornitegiko arduradunaren laguntzaile. Azenari sanhayarren talde nagusiarekin iparraldera abiatu zen, baina ez zuen parte hartuko borroketan hala agindu zioten eta. Zawi eta bere kapitainekin ibili zen mandatuak egiten eta mezuak bidaltzen. Pisuergara zuzendu ziren lehenengo. Herriak hutsik zeuden eta aurkitzen zituzten animaliak elkartu, elikagaiak gurdietan sartu eta zaingo txikiekin bidaltzen zituzten kanpalekura. Gidari batzuen laguntzaz mendiko bideetatik Pisuerga, Arlanzon eta Arlantza erreken elkargunearen inguruko herrietara heldu ziren. Torquemadan gerlari batzuek geziak bota zizkieten gazteluko harresi eta dorretik. Zawik herriko etxe batzuk erretzeko agindu ondoren, herria eta gerlariak bakean uzteko agindu zien bere gerlariei. Aurrera jarraitu zuten. Hurrengo herrixketan ez zuten ezer, ezta inor topatu. Quintana herri handiagoa zen. Ez zuten arazorik izan inor ez zegoelako. Herritarrak mendialdera joan omen ziren, baina gari eta garagarra asko aurkitu zuten eta berdintsu gertatu zen Palenzuela izeneko herrian. Begirale batzuek aurreragoko egoera adierazi zioten Zawiri. Hitz egin zuenak arnasestuka kontatu zion ikusitakoa. –Gure atzetik zalduneria gaztelarra heldu da. Burgos lau-bost legoara dago. Asko dira, laurehun bat eta haserre daude beren herriak erretzen ari garela uste dutelako. –Ongi da. Ez dugu aurrerago egingo, ez du merezi eta. Itzuliko gara kanpalekura, baina lehenago erakutsiko diegu nor garen. Torquemada ondoko pasabidean eginen diegu eraso. Ikasiko dute kontu gehiagoz jokatzen. Zaldun gaztelarrei ezustekoa eman ondoren, erretirarazi eta sanhayarrak itzuli ziren kanpalekura. Burgos eta gazteluren bat izan ezik, beste herriak musulmanen nahiera uzi zituzten bertako agintariek. Sanhayarrak, animaliak eta uztak eramanez eta esklabo batzuk egin ondoren, Clunia berriro konkistatzera abiatu ziren. Hirurehun bat gerlarik defendatzen zutenez, inguratu baino ez zuten egin, zuzeneko erasoak hildako asko sortuko baitzuen. Sancho Garciak ere amana eskatu zuen, garantian aristokrata batzuk eskainiz. Ondasunik ez zuten eman musulmanek orduko hartuak zituztelako. Uda bukaeran berriro ziren Kordoban. Harrera handia antolatu zioten Almanzorren seme nagusiari. Meskita nagusian ulemek eta Hisham-ek, al-Muzafar bi-llah izendatu zuten Abd al-Malik. Hurrengo urtean, 1008an, berriro egin zuten azzeifa bat Gaztelaren kontra, baina ez zitzaion ongi atera al-Muzafarri. Bi alditan eraso egin zieten gaztelauek musulmanei, batean gauez eta bestean espero ez zutenean. Gaztelarrek mendi-portuetatik alde egin zuten, kontraerasorako aukerarik eman gabe. Amiritarra ondoezak zegoen. Eguna botaka pasatzen zuen eta beherakoak ere jo zuen. Hilabete oso bat pasa zuten Medinacelin egoera zuzenduko zelakoan. Boluntarioengatik gertatuak ziren ezustekoak. Gerlarien animo falta zela, eta gaixo sentitzeagatik ere, Abd al-Malik al-Muzafarrek azkar bukatu zuen azzeifa eta irailerako itzuli behar izan zuten Kordobara. Abd al-Malik berriro atera zen Kordobatik azaro hasieran Sancho Garcia zigortu nahian. Hala ere, handik egun gutxitara larri sentitu zen, lehengo ondoezak eta bular aldean min sakona sentituz. Arraroa izan zen denbora gutxian amiritarra gaixotzea. Eztul itsusia zuen eta odoletan bustitzen zituen zapiak. Abd al-Ramman Sanchuelok, bere anaia, bertan gelditzeko eskatu zien kapitainei eta hurrengo gauean al-Muzafar hil zen. Artean azaroaren bukaera zelarik, Sanchuelok zuzendu zuen bueltan armada. Bera zen amiritarren ondorengoa. 23 - Fitna. Abd al-Malik al-Muzafar hil zenean egoera okerragotu egin zen al-Andalusen. Abdul Mutarrif Abd al-Rahman ben Abi Amirrek hogeita bost urte zituen boterera heldu zenean. Sanchul edo Sanchuelo deitzen zioten, Aba amaren aldetik Antso Abarka, Baskoniako erregea baitzen bere aitona. Harroa eta libertinoa zen eta ez oso argia. Hisham II.aren laguna zen. Biek ama baskoiak zituzten eta ume mimatuak izan ziren txikitatik. Handitan ere, egiten zekiten gauza bakarra jolastea eta ongi pasatzea zen. Sanchuelok askotan gonbidatzen zuen kalifa Madinat al-Zahirara. Gau aldean zuriz jantzita eta aurpegia estalita emakume talde handi bat algaraka Kordoban zehar pasatzen zenean, denek zekiten Hisham haren osoarekin Sanchueloren festara joaten ari zela, aurretik eta atzetik zaintzaileak zituztela ikusita. Kantariak, dantzariak, bufoiak, dudazko artistak eta trabestiak izaten ziren beraien festetan. Mozkorraldiak sonatuak ziren. Sanchuelok, boterera heltzean, Nasir al-Dawla eta al-Mamun titulu handigarriak hartu zituen. Ez zen horretan gelditu, ordea. Handik aste gutxitara Hishamek semerik ez zuenez, Sanchuelo izendatu zuen kalifatoko oinordeko; marwandarrak, hau da, omeyatarrak kontuan izan gabe. Alfakiak eta Estatuko boteretsuak konbentzituta, Kordobako kadiak, Ahmad ben Abd Allah ben Dhakwan, eta Ahmad ben Burd katibak prestatu zuten izendapenaren akta. 1008ko azaroan ( Rabi I 339 Hegira ondoan ) aktak adierazten zuen bezala, Marwanen ondorengoen artean eta Abd al-Rahman III al-Nasirrenetan, Abd al-Rahman ben Abi Amir, Qahtan arabiar leinukoa baino hoberik aurkitu gabe, profezien tradizioaren arabera kalifatora eskubidea zuenez, aukeratu zuen oinordeko. Kordobako biztanleek ez zuten begi onez ikusi izendapena. Marwandarrek ez zuten onartu, Abd al-Rahman III.a al-Nasirren ondorengo zuzen asko bizirik zegoela kontuan izanda. Hauek bultzatu zuten Estatu-kolpea. Gainera, 1009ko urtarrilaren 14an (4, chumada 399) Sanchuelok audientziara deitu zien gorteko handikiei. Egun haietan Kristauek udazkenean mugak eraso zituztelako berriak heldu ziren eta Sanchuelok armada eraman nahi zuen mugara, Sancho Garciaren kontra. Arraroena eta larriena izan zen Sanchuelok behartu zituela handikiak durbanteak eramatera berbereen antzera. Agindu bitxia, iraintzat hartu zuten aristokratek, Zawi emir sanhayarrari ideia leporatuz. Errealitatean Sanchueloren ideia izan zen berbereak bereganatu nahian. Fata eslaviar amiritarrek erokeriatzat hartu zuten urtarrilean espedizio hura egitea, baina aurrera eraman zuten. 24 - 1009ko urtarrilatik ekainera Sanchul eta al-Mahdi. Gizon gazte eder bat ari zen gelan zehar paseatzen. Durbantetik ile txima beltzak eskapatzen zitzaizkion eta aurpegia ezkutatzen zioten. Durbantean sartu zituenean begi nabar argiek distiratu zuten arranodun sudurraren ondoan. Habus idaz-taularen gainean jarri zen idazten. Madjilis ondoko gela txiki batean zen, buruzagi sanhayar batzuentzako aginduak idazten ari zen. Ikasketak bukatu zituzten berak eta bere lagun Azenarik. Une hartan gerlari gazteen eginkizunak betetzen zituzten. Ofizialki Habus kapitaina zen eta Azenari bere ezkutaria. Azken aldian Zawiren laguntzailerik hurbilena zen Habus eta idazkari aritzen zen askotan. Hamazazpi urterekin printze sanhayar gaztea gero eta erantzukizun gehiago hartzen ari zen. Orduantxe sartu zen beste gazte bat. Altua bezain indartsua zen eta Habusen antzeko begi kolorekoa, baina honek ile luze gaztainkara zuen aurpegi zuri samar batean. Azenari zen eta amazigheraz azken berriak gurutzatu zituen lagunarekin. Gero, arabieraz jarraitu zuen zer moduz zegoen galdetzen. –Labas? –Bejair. Sukran. –Ongi bazaude, zergatik ez didazu ezta abisurik bidali ere. Egun osoan aritu naiz harresietako guardiak ikuskatzen, Zawik agindu bezala, eta ez nekien zer gertatzen ari zen. –Badakizu Kordobako giroa ez dela oso lasaia eta biok aritu gara hori dela eta lan desberdinetan. Goizetik ez dut astirik izan ezertarako. Kanpoko gerlarientzako mezuak idazten eta bidaltzen aritu naiz Zawiren aginduz. Orain bidali behar nuen morroi bat zure bila. Berehala naiz libre. Gero sukaldera joango gara mokadu bat hartzera. Gosaritik, ez dut ezer ahoratu. Zu aurreratzen bazara, eskatu zeozer tripak engainatzeko, mesedez. Heldu naiz santiamen batean, kristauok esaten duzuen bezala. –Baiezko keinua eginez joan zen Azenari. Azenarik pentsatu zuen Zana orduan harenean izango zela bere lanak egiten. Ezin zuen burutik kendu, al-Sanhaya herrixkan zen bitartean. Dena den, gauean elkartuko ziren ezkutuan eta gorputz liraina eta musu sutsuak sentituko zituen berriro. Bazekiten beren harremana ezinezkoa zela, baina bitartean beren gorputzak ezin ziren bestea gabe bizi. Sukaldean afariaren prestaketak egiten ari ziren eta sukaldariari Habusen eskaera pasa zion. Honek ohitura zuen bi gazte haien ibilerekin eta ez zitzaion inporta askari arin bat prestatzea bestelako arazoak sortzen ez zituztelako. Gainera Habus nagusi txikia zen. Beno, ez hain txikia. Handik gutxira agertu zen Habus. –Dena ongi antolatuta utzi behar dugu, gehienak azzeifara joaten garen bitartean... –Egia al da, atzo Sanchuelok durbanteak eramateko agindu ziela agintariei eta baita marwandarrei ere? –galdetu zion Azenarik. –Bai, burutik eginda dago. Txarrena da denek uste dutela guk agindu txoro hori eskatu dugula. Oso giro txarra sortu da gure kontra eta gainera armada txiki honetan geu gara indarrik handiena. Bihar aterako gara prestatu gabeko gerrara. Ez dugu boluntarioen trabarik izango, baina gu, mertzenario kristau batzuk eta zanatak, ez gara bost mila gerlari baino gehiago izango. Koretako soldaduak falta dira oraindik. –Nik ere ez diot itxura onik hartzen honi. Jan dezagun mokadu hau eta goazen zalditan itzuli txiki bat egitera. –Ideia ona. Hala ere, zaingo bat eraman behar dugu badaezpada. Aprobetxatuko dugu gure herria ongi zainduta dagoen egiaztatzeko. Uste dut ongi babestu behar dugula geure burua. Behin armada erregularra abiatu zenean, al-Dhalfak, al-Muzafarren ama aberatsa, Sanchuelok bere semea pozoindu zuela sinesten zuenez, Bushra eslaviar amiritarraren bitartez laguntza ekonomikoa bidali zion marwandarren buru zen Muhammad ben Hisham ben Abd al-Chabbar-i, Abd al-Rahman III-aren biloba, bi urte lehenago hil zutenaren semea. Muhammadek plebeio lotsagabe baten itxura zuen eta herritar arruntenek maite zuten. Dirua herritarren artean soldaduak hartzen gastatu zuen. Madinat al-Zahiran Sanchuelok hiru agintari utzi zituen: Ahmad ben Said ben Hazm, Azenari eta Habusen ikaskidearen anaia zahar bat, Ahmad ben Burd idazkaria eta Abd Allah ben Maslama jauregiko prefektoa. Muhammad-ek ez zuen al-Zahira eraso, kalifen alkazarra baizik, han Hisham kalifa zegoelako. Otsailaren 15ean herria altxatuta, kartzeletako presoak askatu eta soldadu sartu zituzten. Denek, miliziekin batera egurrezko eskailerak erabiliz alkazarren harresiak eraso zituzten. Hishamek jauregiko leiho batetik geldiarazi nahi zituen baina herriak arbuiatzen zuela ikusita, guardiei odol isuririk ez sortzeko agindua eman zien. Muhammad-i mezu batean haren-a babesteko eskatu zion, oinordeko izendatuko zuela eta marwandarrak gorteko botere postuetara deituko zituela hitz emanez. Ondoren, Otoitz-gelara sartu zen, erasotzaileen kontra neurririk hartu gabe. Hasieran, Muhammadek alkazarra arpilatzeko agindu bazuen ere, gero herritarrei erretiratzeko eta haren-a babesteko agindu zien. Gauean, alfaki, handiki eta funtzionario garrantzitsuenei deitu zien botere aldaketa gauzatzeko. Bi katib-ek jaso zuten Hishamen abdikazioa eta Muhammaden kalifa izendapen ortodoxoa, al-Mahdi bi-llah izena hartuz. Ben Maslama prest zegoen Al-Zahira defendatzeko. Al-Mahdik, alkazarra hartzen lagundu zioten herritarrak soldadu sartu zituen, berez lanbide gabekoak izanda ere. Abd al-Chabbar ben al-Mugira bere lehengusua hadjib izendatu zuenean al-Zahira erasotzera bidali zuen. Al-Mahdik amirien aberastasunak eta urrea behar zituen boterean mantentzeko. Jauregiko agintari eta guardiei libreki ateratzea eskaini zien biziaren truke. Dena arpilatu zuten baita haren-a ere, bakarrik arabiar libre jatorriko sayidak errespetatu zituzten, besteak beste al-Dhalfa. Al-Mahdiren konfiantzazko morroiek denetarik eraman zuten: urrezko eta zilarrezko txanponak, harribitxiak, tapizak eta luxuzko oihalak. Behin ondasun haiek eramanda, herritarrei arpilatzen utzi zieten, baita eraikinetako material nobleak ere: marmolezko zutabeak, landutako harriak, harlauza finak, artistikoki landutako iturri, eserleku eta marrazki artistikozko moldura eta mokarabeak. Al-Mahdik al-Zahira suntsitzeko agindu zuen amiritarren arrastoak deuseztatzeko. Lortutako aberastasunei esker Sanchuelok ezarritako zergak momentuz kendu ahal izan zituen. Hala eta guztiz ere, Sanchuelo bizirik zegoen Toledon eta armada bat zuen. Amiritarrak Kordobako gertaerak entzun zituenean Kalatrabara mugitu zen eta egunak eman zituen han tropen leialtasuna eskatzeko. Denbora alferrik xahutu zuen. Muhammad ben Yaala-k, zanata, Kordoban bere familiak herritarren menpe zeudela gogoratu zuen eta gauean desagertu zen bere gerlariekin. Ben Dhakwan kadiak, bestalde, adierazi zuen Sanchuelok ezin zuela Kordobako herritar gizajoen kontra armada bidali eta alfakiek, Sachuelo musulman txarra zela, mozkorti hutsa eta erlijioaz trufa egiten zuela zabaldu zuten soldaduen artean. 1009ko otsailaren 28an (Chumada II 399) Manzil Hami-ko ostatura heldu ziren, Kordobatik bi egunera. Gauean berbere guztiak desertatu ziren. Bere alde zuen bakarrenetakoa Wadih zen, baina jenerala Toledon zegoen. Beni Gomez Carrioneko kondeak Sanchuelori Wadih-rekin elkartzea aholkatu zion arren, honek ez zion kasurik egin. Guardiako soldadu bakar batzuekin Armilat-era heldu zenean, Estatuko almunian hirurogeita hamar konkubina utzi eta monasterio mozarabean eskatu zuen ostatu. Martxoaren 3an Madih-k bidalitako tropek preso hartu zuten Sanchuelo, Carrioneko kondearekin batera. Ihes egiteko saiakera egitean hil zituzten bi mandatariak. Hurrengo egunean gorpuak alkazarreko atarian jarri zituzten. Al-Madihk boterea lortu eta hilabetea pasa zen. Egunak pasa ahala, alkazarreko guardiek okerrago tratatzen zituzten beste herritarrak, burgesak eta auziak konpontzera joaten ziren aristokratak, baina bereziki berbereak, zeren eta jauregian sartu baino lehen, armak uztera behartzen baitzituzten. Hirian ere berbereen aurka jokatzen hasi ziren. Zawi bera behin saiatu zen jendetza artetik alkazarrean sartzen, atarian guardiek are okerrago tratatzeko. Sanhayarren bizitokia ere, al-Rusafako al-Sanhaya deitutako auzoa erasotzen saiatu ziren kordobatarrak. Al-Mahdi ia ez zen desenkusatu. Gero eta okerrago jokatzen zuen kalifa berriak. Eslaviar amiritarrak ere gaizki tratatzen zituen. Wadih erdiko markako vali edo gobernadore izendatu zuen arren, 1009ko martxoaren bukaeran Mahdik erabaki ergelak hartu zituen, Almanzorren fata batzuk beharrik gabe deserriratu zituen Levantera, etsai bihurtuta, handik haren kontra kanpaina ederra eginen zutela kontuan izan gabe. Hisham II.a konkubina bakarrarekin eta bi neskamerekin hiriko etxe batean itxi eta ezkutatu zuten. Bitartean Dhakwaren testigantzaz haren itxurako zerraldoarekin kalifari zegokion lurperatze ekitaldia antzeztu zuten. Marwandarrek ez zuten sinetsi eta batzuk espetxeratu zituzten, haien artean dekanoa, Sulayman al-Nasirren semea, Sulayman momentura arte Mahdi beraren oinordeko izendatua. Hisham, Sulayman honen semea, Mahdiren aurka altxatu zen. Fahs al-Suradiq-en bere kanpamentua jarri zuen, beste marwandarrak, berbereak eta berriki lizentziatutako Kordobako milizianoak erakarriz. Dhakwan kadia eta Abu Umar ben Hazm saiatu ziren akordioen bidez bakea lortzen, alferrik. Tamalez, Hisham ben Sulayman ben Abd al-Raman al-Rashidek alkazarraren erasoan akabatu zuten eta ondorioz berbereak legez kanpo deklaratu zituzten beste alderdikoek. 25 - Sanhayarrek erasoa aurrikusi eta auzoa utzi. Berbereak Guadalmellatora erretiratzean, beren familiak erasotuak izan ziren, bortxaketak eta hilketak tartean. Sanhayarrek aldez aurretik aurreikusi zuten erasotuak izango zirela eta egoera okerragotuko zela pentsatuz, egun eta gau bakar batean auzoa osoki hustu eta denak, emakumeak eta haurrak barne Guadalmellatotik hurbileko herri baten ondoan antolatu zuten kanpamentu gotortu bat. Erasotuak eta hildakoak beste talde berbere batzuetakoak izan ziren. Hala ere, Kordobako milaka herritarrek al-Rusafako al-Sanhaya auzoa hartu eta txikitu zuten. 1009ko ekainean berbereek Kordoba hartu nahi zuten. Omeyatarrek beren kanpamentuan Sulayman ben al-Hakam ben Sulayman, al-Nasirren berbiloba eta Hisham al-Rashiden iloba aukeratu zuten. Berrogeita hamar bat urteko kalifa-gairik aproposena zen. Kalatrabara iritsi zirenean al-Mahdik egindakoengatik barkamena eskatuta ere, Sulaymanek eta berbereek ez zuten onartu. Orduantxe musulmanen hiru enbaxada iritsi zitzaizkion Sancho Garcia Gaztelako kondeari, beren alde jartzeko. Batetik al-Mahdik bidalia, bestetik Wadih-rena eta azkenik Sulaymanek eta berbereek ere eskatu zioten laguntza. Sanchok Sulayman eta berbereei eman zien laguntza, etorkizunean mugako hainbat gaztelu ematearen truke. Janaria bidali zien, abere bizi asko eta ehun gurdi irin eta jaki besteak beste. Wadih, al-Mahdirekin batu zen. Al-Mahdirekin bat eginez, berbereen eta gaztelauen kontra Jaraman egin zuen borroka Wadih-k, armada erregularra eta Kordobako milizianoen laguntzaz eta 1009ko abuztuan berriro Henaresko Alkala ondoan. Oso borroka latzak izan ziren. Batetik berbereak, Gaztelako gerlariak eta omeyatarren menpeko tropa gutxi batzuk, hamar bat mila gerlari, erdia zalduneria eta haietatik bi mila sanhayar; Bestetik hogei mila soldadu eta miliziano, haietatik bakarrik hiru mila zaldun. Habusek bostehun bat zaldun sanhayar gidatu zuen borroka hartan. Azenarik bere ezkutari eta laguntzaile bezala aginduak pasatzen zizkien zaldun taldeko buruei. Borroka hasi zenean sanhayarrek jo eta ke eraso zituzten al-Mahdiren ezker aldeko zaldunak. Zaldi-taldeak bidali zituzten bata bestearen atzean, eten gabe eraso egitera. Koretako zalduneria txikiagoa eta kaxkarragoa zenez, berehalaxe menperatu zituzten gezi andanak jaurtikiz eta azkenik, zuzenean eraso zituzten ezpataz. Wadih-ren zaldunak ihesari eman ziotenean, berbereen zalduneriak etsaien oinezkoak inguratzen ari zirenean, baso baten babesean ezkutuan zegoen arkulari talde handi batek geziz zartatu zituzten Habusen agindupean zeuden zaldunak. Azenarik bizia salbatu zion zaurituta zegoen lagunari ezkutuarekin gordez eta bere bizia arriskuan jarriz. Erasoa pixka batean gelditu zenean, mutilak momentuz atzera egiteko agindu zuen eta laguna leku babestu batera bidalita, berriro erakutsi zuen ausardia handia zaldun taldea basoaren bestaldera gidatuz, arkulariak inguratuz eta gaindituz. Horri esker, edo horren eraginez garaitu zuten Wadih. Honek ihes egin zuen Kordobara. Borroka bukatuta, zaurituei laguntza eman zieten eta hildakoak lurperatu zituzten. Habus ez zegoen hain gaizki. Azenarik ikusi zuenean ipurmasailetik gezia kenduta zuen zaurituak eta harekin mintzatu zen. –Ongi ikusten zaitut. Badirudi lotarako prestatzen ari zarela. –Zorte onekoa naiz eta ez dut gauza handirik zuri esker. Egun pare batean oinez ibiliko naiz. Baina konta iezadazu zenbat gizon galdu dugun. –Lasai zaitez. Bi hildakoeta beste hainbeste zauritu larriak dira; baina, beste zauritu gehienak sendatuko dira eta hilabete batean ez dute nabarituko. Gizonak pozik daude. Osotara sanhayar gutxi galdu dugu. Beste batzuek galera gehiago izan dute. –Zuri esker gure zaldun-taldea salbu da. –Azenari lotsatu zen. Kosta zitzaion laudorioak onartzea. Lagunari ongi zaintzeko esan ondoren joan zen. Arratsean, pixka batean deskantsatu ondoren, gaztelau eta musulmanen agintariak elkartu ziren Sulaymanen denda handian. Han judutar talde bat zegoen. Gaztelako Sancho Garcia eta kalifagaiaren aurrean Zawik Azenariri deitu zion. Gazte altu eta galanta aurreratu zen harrituta. Zawi, sanhayarren emirra eta Sulaymanen konfiantzazko jenerala, denen aurrean borrokan egindakoagatik goraipatzen hasi zen: –Gazte honi esker etsaiak lehenago garaitzeaz gain, bizia arriskuan jarriz, gerlari asko salbatu dira, gure iloba Habus besteak beste. Hori dela-eta une honetan zuen testigantza aprobetxatuz, aske deklaratzen dut, gerra-esklaboa izan baitzen, guretzat etxekoa izanda ere. Berriro diotsuet pertsona askea eta imazighen gerlarion kapitain izendatzen dugula. Hemendik aurrera Azenari ben Enneg ben Sanshio Baskoniako beni Enneg-tarren leinukoa denak askatasuna berreskuratu du eta nik neuk Zawi ben Ziri sanhayarren emirrak zaldun eta kapitain izendatzen dut. Jaunok mesedez ohorea litzateke zuen testigantza sinatzen baduzue –mutil harrituari hurbildu zitzaion, belaunarazi eta ezpataren alde lauarekin sorbaldetan bi kolpe eman zizkion. Segidan Zawik eta beste ziritarrek, Habus lotan zegoen, besarkatu zuten. Kondeak, kalifa-gaiak, handikiek eta judutarrek zoriondu eta lekuko gisa sinatu zituzten askatasun eta izendatze agiriak. Sulaiman garaile gertatu bazen ere, Wadih-k markako hiri gehienak bere menpe mantendu zituen. Ongi babestutako hiriak ziren Medinaceli, Guadalajara, Magerit eta nola ez Toledo, markako eta korako hiriburua, al-Andaluseko hirugarren hiria. 1009ko azaroaren 3an, Guadalmellatora heldu ziren berbereak eta gaztelauak. Al-Mahdik lubaki batez inguratu zituen Kordobako auzo guztiak eta herritarrak berriro sartu zituen milizian. Azaroaren 5ean Qantishen, Alkoleatik hurbil ipar-ekialdean, borroka latzaren ondorioz hamar mila kordobatar hilik suertatu ziren borrokan edo ibaian itota. Al-Mahdih-k aterarazi zuen Hisham II.a eta bera ezkutatu zen. Azaroaren 8an, Zawi sartu zen Kordoban eta alkazarrean, Sulaymanen aurretik. Hurrengo ostiralean, meskita nagusian Sulayman Omeya kalifa izendatu zuten handikiro, al-Mustain bi-llah izenez (Jainkoaren laguntza bilatzen duena). Hasiera batean zentzuzko neurriak hartu zituen. Sanchuelo urkamenditik erretiratu eta behar bezala lurperatu zuen. Sancho Garciak plazak eskatu zituen, nahiz eta jakin haiek Wadih-ren eskuetan zirela eta momentuz ezinezkoa zela. Behin-behineko emate-atzerapena onartu zuen eta ehun gerlari almunia batean utziz, gainerako gerlariekin itzuli zen Gaztelara. Hegoaldeko korek baino ez zuten Sulayman al-Mustain onartu. Kordobako herria haserre zen berbereekin eta bakarrik ibiltzen zirenean erasotzen zituzten. Medinat al-Zahran sartu zituzten berbereak, Kordobatik aparte, eta ez zieten utzi zokoetatik eta auzoetatik ibiltzen. Urte bukaeran ezkutuan zegoen Mahdik ihes egin zuen Toledora. Erdiko marka alde zuen, bereziki Wadih-ren laguntzagatik. 1010eko urtarrilaren bukaeran al-Mustain Tajora zuzendu zen. Elur eta eurite artean nekez ibili zen eta Toledo eta Medinaceli inguratu bazituen ere, ez zuen ezer lortu. Apirilaren 14an bueltatu zen Kordobara. Bitartean Wadih Tortosara joan zen eta Barcelonako Ramon Borrell III.a eta Ermengol Urgel-eko kondeen laguntza lortu zuen, ez dohainik ala ere. Konde bakoitzari ehun dinar ordaindu behar zizkion egunero eta dinar bat gerlari bakoitzari, janaria, ardoa eta berbereen harrapakina eskainiz. Zaragoza eta Medinacelitik Toledora heldu zirenean berrogei milako armada osatu zuten, haietatik laurdena “franko”ak izanik. Hauei bakarrik berbereek egin zieten aurre, kordobatarrak parte hartu gabe gelditu baitziren. Maiatzaren 22an al-Baqar-en Kordobatik zuzenean hogei kilometrora borroka latza egin zuten. Berbereen kargei eta gezi jaurtiketei esker frankoak galtzen ari ziren. Baina, erretiratzea moztuta zegoelakoan, al-Mustainek ihesari eman zion. Erretiratzen hasi ziren berbere talde batzuk eta azkenean denek alde egin behar izan zuten. Zawi bere sanhayarrekin eta zanatarrak ere, Aljezira ondora joan ziren, behar izanez gero beraiek eta familiak Afrikara pasatzeko. 1010eko ekainaren 21ean Guadairoko goi-bailaran, Ronda ondoan, berbereek al-Mahdi eta frankoak garaitu zituzten, triskantza ikaragarria eginez. Hiru mila gerlari franko gertatu ziren hilik. Denek urre eta zilar pila zeramaten gainean. Arerio asko, Ramon Borrell-en diruzaina besteak beste, preso hartu zituzten. Haiengatik diru dezente eskatu zuten. Kordobara bueltatuta, al-Mahdik frankoei berbereen kontra berriro ateratzeko eskatu zien. Ezezko borobila eman ondoren, alde egin zuten frankoek. Borroketan garaile atera ondoren, Zawik goraipatu zion Azenariri borrokan izan zuen portaera eta kontatu zion bere familiaren berri zuela, aurreko udan bere askatasuna ematearen testigu izan ziren merkatari judutarrek Zawiren beraren mezu bana utzi zuten Naxeran, Iruñean eta Faltzesko bere senideen eskuetan eta Uhartetik pasatzean informazioa jasotzeko edo galdetzeko agindua zuten. Mezulari horien bitartez Zawik Jakin zuenez, kuriako eskriptoreak, osaba Belasko Belaskones, eta Faltzesko Fortun Santxez beste osabak mandatari batzuk bidali zituzten Donemiliagako suntsiketa eta Azenariren desagerpenaren ondoren mutilaren berri izateko eta eramateko. Lekuko baten informazioaren arabera, preso eraman zutela jakin zutenean, merkatari batzuk bidali zituzten Kordobara Azenari askatzeko. Merkatari haiek esklabo merkatuetan eta Estatuko agintari batzuekin hitz egin ondoren, esan zieten ez zutela arrastorik aurkitu. Handik urte batera berriro beste mandatari batzuk bidali zituzten inolako berririk jaso gabe. Momentu hartan Zawik, eskuizkribu batzuk hartuta jarraitu zuen: –Duela urte bete geuk zure berri eman genienean, zure ahade hauek, baita Naxerako Fortun Santxez jaunak ere, berehala eskaini zuten dirua erreskatea emateko. Berehala, erantzuna eta argibideak bidali genizkien. Ordurako zure askatasun agiria egina nuenez, kopia bat erakusteko esan nien judutarrei, beraz, nahi duzunean joan zaitezke Baskoniara. Gaur agertu dira mezulariak eta hemen dituzu erantzun-mezuak –eskutitzak eman eta gero, zalantza izan ondoren, jarraitu zuen. –Ez al duzu Uharteko berririk nahi? –Bai, noski. Baina, badakit osaba Semenok ez duela ezer egingo. –Arrazoi duzu. Zure osaba horrek agintzen du Uharten, zure anaia Xemeñoren izenean. Herrian galdetu dutenean herritar askok maitasuna adierazi dute zurekiko. Arbuiatzen dute zure osabaren jokaera, krudela eta gogorra delako eta herritar pobreak gaizki tratatzen dituelako. Zure arreba Enekari, Uharteko kapitainari eta zure lagun Otsoari zure askatasun egoeraren berri emateko arazorik ez zegoela ikustean, esan diete eta beraien mezua ere jaso dute. Hor duzu beraien erantzun mezua beste izkribuen artean. Azenari leku lasai batera joan zen mezuak irakurtzera. Kanpalekutik ondoko muinora hurbildu zen. Zuhaitz-enbor baten kontra eserita, mezuak zabaltzen hasi zen. Laburrak ziren eta latinez zeuden idatzita, ohitura zenez. Ireki zuen lehen mezua osaba Fortunena zen, honek egoera onean izateagatik poztasuna adierazi zion eta harengana joateko eskatzen zion. Osaba Belaskok eta izeba Santxak antzera adierazi zuten beste izkribu batean eta berekin bizitzera joateko gonbita egin zioten. Hirugarren mezua ireki zuen. Eneka ezkonduta zegoen Uharteko zaldun batekin eta maitasuna adierazi ondoren berriz ikusteko gogoa azaldu zion. Eskutitz berean, azkeneko lerroetan, Gartzia kapitainak eta Otsoak poza adierazteaz gainera, Semenoren jokaera zuzengabea adierazi zuten. Haiek ez zekiten ongi idazten eta arrebak egin zuen beraien partez, dena den, Otsoak bi hitz adierazi zituen euskaraz: “etorri laguna”. Azkenik, pergamino dotore batean, Antso Gartzes, aspaldiko laguna eta Baskoniako errege gaztearen mezua irakurri zuen. Goraintziak bidali zizkion bere eta Fortun lehengusu txikiaren partez, eskerrak eman zituen onik egoteagatik eta herrira bueltatzean berarengana joateko eskatu zion. Mezuak bildu zituen denak batera eta gerri ondoko poltsiko batean sartu zituen. Azenari pentsatzen geratu zen. Herrira itzuliko zen bere nahia segituz gero. Hala ere, lagun imazighen haiek ezin zituen horrela utzi. Eskua luzatu eta pergaminoak laztandu zituen. Izkribu haiek gordeta, Zawi eta Habusekin momentuz geratuko zela erabaki zuen, egoera larria pasa arte behintzat. Ziritarrek, Zawik eta Habusek, esklabo baino lagun bezala hartu zuten bera, eta momentu hartan beraien herria arriskuan zen bitartean lagundu behar zien. Habus, gainera, ezin zuen nolanahi utzi, hain zen lagun handia! 26 - Lubakia. Wadih ezin zen al-Mahdi-z fidatu. Berak, Jairan eta Anbar, Almanzorren beste fata handiei dei egin zien Jativatik Kordobara heltzeko. Levanteko eslaviar amiritarren babesa eskatuta, alderdi eslaviarra berrindartu nahi zuen. 1010eko uztailaren 23an buru eslaviarrek Mahdi erail eta Hishamen bigarren erregealdia hasi zen Wadih-ren eskutik. Berbereen alderdiak, Elvira probintzia eskuratzera joateaz gain, Kordobako setioa jarraitu zuen. Wadih inguratze horretarako prestatu zen, egindako lubakiak edo fosak handituz eta hesi handiak paratuz. Sulayman al-Mustainek eta bere aliatu berbereek udaberria bitartean Kordoba blokeatu zuten. Sanhayarrek gotorleku bat behar zuten inoren erasoren beldurrik ez izateko, Kordobako herritarrek al-Rusafan egin zietena kontuan izanda. Madinat al-Zahrako harresi hirukoitza oso aproposa zitzaien sanhayarrei atzea babesteko, gerlariak eta baita familiak salbu izateko. Goarnizioa erresistitu zen. Lagun batek ateak irekita ere, barnekoek ez zuten etsi eta erasotzaileek borrokatu behar izan zuten jauregi-hiria hartzeko. Odoltsua izan zen borroka eta defendatzaile asko hil behar izan zuten, azkenek ihesari eman zioten arte. 1010ko azaroaren 4an, (Rabi I 401) Zawiren berbere sanhayarrek Madinat al-Zahra hartu zuten. Azenari borroka bukatutakoan agertu zen Madinat al-Zahran. Kordoba aldean izan zen zaldun talde handi batekin, bitartean milizien erasorik ez izateko. Iparraldeko ataritik sartu zen, Alkazarretik, eta nabarmenak ziren borrokaren arrastoak eta sarraskia. Mendebaldeko bizitokiak eta Erregeren Etxea bere eskuinean utziz, Dar al-Yund edo kuartel nagusira sartu zen. Bere zazpi arkuek jauregi itxura ematen zioten. Erdiko arku handitik gerlariak harrapakina ateratzen ari ziren. Atzean ekialdeko portiko handia utzita, plaza zeharkatu zuen Saloi Aberats-era joateko. Zawi bilatzera zihoan. Gelditu nahi zuen arpilatze hura. Kapitain batzuei aginduak ematen ari zitzaien Zawi. Harekin konfiantza gehiegirik ez bazuen ere, txikizioa gelditzeko eskatu behar zion, Habus Kordoba aurrean zaintzan zen-eta. Beharbada zuzenegia izan zen. –Zergatik hartu duzue al-Zahra? Goarnizioa garaituta, den-dena txikitu behar al duzue? –Leku babestu bat behar genuen. Al-Rusafako auzoa suntsitu ziguten. Gizonek asko sufritu dute eta lau gauzarengatik ez da txikizioa izango. –Baina artelanak eta liburuak suntsitzen ari dira –erran zuen nahi baino ozenkiago. –Geldieraz itzazu zuk ahal baduzu. Liburuak salbatu nahi badituzu, konbentzitu –erantzun zion haserre, borrokaren larriaz eta eroritakoengatik. Azenari, Abd al-Ramman al-Nasirren liburutegira joan zen zuzen zuzenean. Al-Hakam-ek ere milaka liburu bildu zituen, bere aitaren bilduma aberastuz. Gerlari batzuk ari ziren liburuak ateratzen, gurdi handi batean botaz. Eskerrak taldekoak ongi ezagutzen zituen; bestela, ezin izango zituen liburuak salbatu. Sutarako erabiliko zituzten. Tartean erlijio liburuak eta Koranak zirela konbentzitu zituen eta egurra eramango ziela hitz emanda, gurdi hura eta beste batzuk betetzeko konbentzitu zituen. Dena den beste soldadu batzuk ari ziren arpilaketarekin eta arriskua zegoen dena sutara emateko. Liburuak aukeratzen hasi zen. Koranez gain, historia, astronomia, zientzia, botanika eta literatura liburu asko salbatu zituen. Gurdi bat ez, hiru gurdi handi eraman ahal izan zituen. Bera agertu baino lehenago eraman zituzten liburuak, galdutzat hartu behar izan zituen. Bere menpeko gerlariei agindu zien liburuak biltegi batera eramateko eta zaintzeko. Beste gerlari batzuekin mendi aldera joanez egurra bilatu eta agindutakoei eraman behar izan zien. Milaka liburu libratu zituen sutatik. Habus poztu zen beranduago heldu zenean. Azenarik hurrengo egunetan gustuko idazki eta izkribu berezi asko antolatu zituen eta liburu aukeratu pilak gorde zituen ongi babestuta, oihal argizarituetan lotu eta gorde ere. Azkenean, ordu batzuk pasata gehiegi zelakoan, Zawik berak geldiarazi zuen suntsiketa. Kalifaren bizitokia izandakoa, Errege Etxea, salbatu zuten; baita Saloi Aberatsa, Yafarren etxea, meskita-aljama, jauregiak eta administraziorako erabiliko zituzten eraikinak ere. Hegoaldean zegoen hiriko gune zabalenean, etxeetan, familiak sartu zituzten eta lorategietan kanpamentu handi bat antolatu zuten. Alkazarrean goarnizioa jarri zuten. Denbora luzez al-Andaluseko jauregi-hiririk miragarrienean, Medinat al-Zahra ederrean bizi izan ziren sanhayarrak. Imazighenek, sanhayarrek eta zanatek kora batzuetako gerlariekin batera kordoba inguruko lubakiak eta hesiak behatzeko taldeak antolatu zituzten. Berbereek inguratu zuten Kordoba eta iparralde, ekialde eta hegoaldeko korak al-Mustainen menpera jartzera eta ziurtatzera joan ziren. Calatrava, Jaen, Elvira, Malaga, Ronda, Cadiz eta Aljeciraseko korak edo probintziak menperatu zituzten. 27 - Gaztelauak. Azenariri Gaztelako gudariekin harremanaz arduratzea agindu zioten. Zerbait naturala izan zen haiekin ibiltzea. Nagusi gaztelauek ez zekiten oso ongi arabieraz eta berbereek gaizki egiten zuten erromantzez. Azenarik latinez zekienez arabieratik latinera edo erromantzera eta alderantziz itzultzen lagundu zien momentu batean. Gero, bi taldeetakoen konfiantza lortu zuenez, askotan ahal zutenenean berari deitzen zioten edozertarako. Garai hartan gaztea Zawiren kapitaina eta laguntzaileetako bat zen. Bestela ere, gaztelauekin ibiltzen zen eginkizun desberdinetan. Sancho Garciak utzitako ehun zaldun korazatuak oso probetxugarriak gertatu zitzaizkion al-Mustainen armadari. Hala eta guztiz ere, zaldun gaztelau haien funtzio nagusia, agindutako gotorlekuak eman behar zizkietela gogoratzea zen. Kapitaina, Lain Gonzalez zen Larako noblea eta Gaztelako kondearen familiakoa. Baina, Azenarik harremanik handiena Tello Joanizekin zuen, Burgos ondoko Ibaias-ekoa, maila apaleko zaldun gaztea eta euskalduna. Harekin berriro mintzatu zen euskaraz, urteetan erabili ez zuena. Habus, Jaen eta Elvirako koretan zebilen, probintziak segurtatzen. Azenari, Tellorekin hasi zen denbora asko pasatzen. Askotan al-Mustainen eta Zawiren aginduak gaztelarren nagusiei adierazi ondoren, harekin gelditzen zen hizketan. Gaztelako euskaldunez galdetu zion. –Asko al dira kondearen menpeko lurretan bizi diren euskaldunak? –Asko ez dakit. Gaztelako ekialdeko lurretan bizi gara euskaldunak. –Azenariren jakin-mina handitu zen. –Eta zein lurraldetan egiten da baskoieraz? –Ekialdean eta Ipar-ekialdean. Esan dizut. –Kontatuko al didazu ekialdeko lur horiek zein diren? Nik dakidana eta entzun dudana da Baskoniako mendebaldean Araba eta Bizkai lurrak daudela. Zein dira Gaztelako ekialdeko lurrak orduan? –Nik ez dakit ziur. Bureba, Oka, Mena eta Karrantza euskaldunak dira. Burgos ondoan ere, Urbel, Ubierna eta Arlantzoneko bailarako herri batzuk euskaldunak dira. Gaztelako Sancho Garcia agertu zen Kordoban 1010eko azaroaren bukaeran bere neutraltasunaren ordaina jasotzera, nolabait. Mugako gazteluak eskuratu nahi zituen. Al-Mustain eta Zawirekin hitz egin zuen Sancho Garciak. Emandako laguntzaren truke, Clunia, San Esteban, Osma eta Gormazeko plazak eskatu zizkien. Al-Mustainek, Kordobara, Wadih-rengana bidali zuen, plazak haren esku zeudelako. Gaztelako gerlarien mehatxupean, Sanchok nahi zuena lortu zuen bere neutraltasunaren ordainetan, bere gerlariak erretiratzearen truke. Gaztelako kondea bere lurretara itzuli baino lehen Zawirekin elkartu eta hizketan gelditu zen. Han, bi taldekoen bitartekari zebilen Azenariri zuzendu zitzaion momentu batean. –Zure askatasun eta kapitain izendatze ekitaldian izan nintzen. Gogoratu didate Baskoniako enekotar bat zarela, lehengo errege leinukoa. –Azenari harritu zen aipamen hori egiteagatik eta argitze aldera edo jakin-minez erantzun zion. –Batzuek “fortundar” deitu egiten digute. –Gure familiak ahaidetuta daude. Nik ximenotarrekin familia-harreman zuzenak ditut eta badut zuen leinuen berri. Kontatu didatenez zure osaba batek San Millanera sartu zintuen eta Almanzorrek esklabo hartu. Orain askea eta berbereen gerra-kapitain bat zara. Oroitzen dut zure ausardiagatik lortu zenuela. Nola lortu zenuen gerlari horiek onar zintzaten? –Nire jatorri eta noblea izateagatik, Habusen zerbitzura jarri ninduten. Baina, morroi baino Habusen ikaskide eta laguna izan naiz, arabiar letretan eta gerrarako trebatzen ibili gara biok. Inoiz ez naute esklabotzat hartu. Alkalan Habusen ezkutaria nintzen eta laguna defendatu eta etsaien kontra jotzea besterik ez nuen egin. –Nahi baduzu gurekin etortzen ahal zara Gaztelara. Lain Gonzalez kapitainak hemen emandako denboran gure gerlariekin izan duzun tratu eta lan ona goraipatu dit. –Mila esker konde jauna, baina Guadalabiarreko borroka izan zenetik nire familiakoen berri izan dut eta nahi izanez gero haiengana joaten ahal naiz. Dena den, eskertzen dizut eta kontuan izango dut zure eskaintza. –Zu bezalako nobleak eta gerlari prestuak ongi etorriak dira gurera. Banekien familiako batzuekin arazoak zenituela eta aukera eman nahi nizun. –Estimatuta dago eskaintza. Hala ere, nire familiako beste osaba nobleek eta tenenteek ere eskaini didate babesa, baita gure erregeak ere. –Haren berri izango duzu berehala. Baskoniako enbaxada bat agertzeko zorian dago gure antzera. Plaza batzuk eskatzera etorriko dira aurki –esan zuen ironia eta txantxa doinu batez. 28 - Baskoniako enbaxada eta Almeriara egindako bidaia. Sancho Garcia joan eta egun gutxitara Baskoniako enbaxada agertu zen. Antso Fortuniones maestresalaren agindupean beste jauntxo batzuk, morroiak eta hirurogei bat gerlari agertu ziren. Berbereek Kordobara pasatzen utzi zieten, Wadih-rekin negoziatu ahal zezaten. Haiek ere, Wadih-rengana joan behar izan zuten eskaerak egitera. Beste batzuek bezala al-Andaluseko egoera nahasia aprobetxatuz abantailaren bat atera nahi zuten. Ez zuten Gaztelauek lortu zuten bezainbeste, azken hauek parte hartze zuzena egin baitzuten alderdien borroketan. Baskoniakoek mugetako egonkortasunaren aitzakiaz abantailaren bat eta defentsa postu aurreratu batzuk lortu nahi zituzten. Gainera, Gaztelako mugak populazio gutxikoak baziren, Baskoniakoak populatuak, lur aberatsak ziren, ongi defendatutako gotorleku lerroen kontra. Unkastillo berriro eskuratu nahi zuten eta Kalagorri inguruko mugak defendagarriagoak izatea. Handik egun batzuetara nahi zutena neurri batean lortuta, al-Mustain eta Zawirengana zuzendu ziren haiengandik ere segurtasuna izateko. Medinat al-Zahran agertu ziren baskoiak. Azenariri deitu zioten enbaxadakoekin elkartzeko. Bi egun lehenago agertu zirenean Sevillako bidean zen Azenari eta ez zituen ikusi. Bazekien Antso Fortuniones, aritzarra, enekotarra bera bezala, urruneko ahaidea eta Gorteko salako maisua buru zela. Ezuste batean, osaba Belasko Belaskones botilarioa eta Fortun Santxez lehengusu txikia aurkitu zituen enbaxadoreen artean. Besarkada azkar bana eman zioten elkarri eta enbaxada eginkizunetan hasi ziren, solasa berandurako utziz. Azenarik aurkezpenak eginda, arabiera-euskara itzulpena egin zien, azkar egin ere, Wadih-rekin lortutakoa, al-Mustainen oniritzia azkarra izan baitzuten. Kalifa bere jauregira itzuli zenean, Antso Fortunionesek, bere leinu-kidea eta osaba Belaskok iloba agurtu zuten gaztea. Santxo Fortunionesek Kordobatik premiazko abisu bat jaso ondoren, joan behar izan zuenean, aurkezpen pertsonalak egin behar izan zituen Azenarik. Zawi eta Habus alde batetik eta Belasko eta Fortun bestetik jarrera lagunkoia hartuz hizketan hasi ziren. Zawi hasi zen lehenengoa. –Ongi etorri gurera. Azenari, seme bat da guretzat. Ahaidetzat hartzen zaituztet, edozein gauza pertsonala dela, gure laguntza izango duzue. Jakin behar duzue Azenarik lehenengo momentutik eskatu zigula baskoien kontrako borrokarik izanez gero, parte ez hartzeko. Mutil aparta da Azenari: argia, ona, langilea eta gerlari ausarta. –Gorritu egin zen gaztea. Osabak ilobari begira eta sorbaldatik hartuz erantzun zion Zawiri. –Bai, hala dela dirudi. Edozeren aurretik, hala ere, eskerrak eman behar dizkizuegu berarekin izan duzuen jarreragatik. Gure laguntza ere eskaintzen dizuet gogo onez. –Solasa ospakizun bihurtu zen. Zawik Al-Zahran egun batzuetan gelditzeko gonbidapena egin zien, enbaxadako guztiei zabalduz. Egun haietan Azenarik une zoragarriak pasa zituen osabarekin, baina bereziki Fortunekin, denbora eskasean lagun onak izan baitziren txikitan eta orduan hamar urte pasata, gauza asko zuten kontatzeko. Jauregi-hirian ibili ziren eta zalditan atera ziren ingurura ehizatzeko aitzakiaz. Habus eta Fortun lagunak egin ziren. Beste ezusteko bat, Arrano Erroko gaztea gerlarien artean aurkitzea izan zen. Behin topatu baziren ere, Arranok gogorarazi zion Uharten izan zuten topaketa. Azenarik Balz kapitaina ere ezagutzeko aukera izan zuen gainera. Kordobako mendizerrara egin zuten itzulian, Azenari, Habus, Fortun, Arrano eta Balz aritu ziren ehizan, gerlari imazighen eta baskoi batzuen laguntzaz. Eguna gustura pasa ondoren arratsean elkartu ziren suaren inguruan ehizatutako orein errearen puska goxo batzuk afaltzeko eta kontu kontari aritzeko. Habusek haiekin denbora gehiagoz gelditzeko gonbidapena egin zienean Fortunek kontatu zien zergatik itzuli behar zuten Baskoniara. –Agudo itzuli behar dugu. Azagra, Sartaguda eta Mendabiako herriak gureak ziren eta akordioen arabera gureak izanen dira, baina segurtatu behar ditugu. Kalagorriko alkaideak, ordea, Tutera eta Zaragozako Tuyibien menpekoa denak erasoa etengabeak egiten ditu Ebroko mugan. Muga hori finkatzea eta baketzea da orain beharrezko helburua. –Denek zekiten Ebroko musulman gerlariak borrokalarienak zirela. Onartuko al zuten Tuyibiek, borrokatu gabe, herri eta dorre haien nagusigoa aldatzea? Ez zuten gaiarekin jarraitu. Berehala, Antso Gartzes errege gaztearen gaia atera zen. Fortunek goraintziak eman zizkion Azenariri haren partez, eta berriro gogoratu zion–. Zu gurekin eramateko eskatu digu. –Bazekiten lagun sanhayarrak goera egonkorrean izan arte, Azenarik laguntza agindu ziela. Fortunek Jarraitu zuen errege gazteari buruzkoak kontatzen–. Bera oso okupatuta dago. Borrokan ez du parerik, horregatik deitzen diote Laubeso. Aibarko Santxarekin Ramiro semea izan zuen duela bi urte eta Muniadona Gaztelako Sancho kondearen alabarekin ezkondu berria da –erran zuen txantxetan. Denek zekiten hori. Aste bat lehenago jakin zuten Gaztelako kondeak seme bat izan zuela eta orduan bai, alaba Munia Baskoniako erregearekin ezkondu zuela. Hurrengo egunean, goizean goiz, Habusek eta Azenarik zalditan nola egiten zuten ikusteak txundituta utzi zituen Fortun, Arrano eta Balz gazteak. Baskoiak trebeak ziren zaldi gainean, baina inoiz ez zuten halako abileziarik ikusi. Jakin bazekiten berbereak zaldunik onenak zirela; hala ere, zaldia hain ongi eramatea, eta horren gainean xabalinak eta geziak hainbesteko abileziaz botatzea ez zuten inoiz espero izango. Habusek eta Aznenarik trosta bizian jaurtiketa onak egin ondoren ezpatekin egin zuten borroka, imajina ezinezko trebezia erakutsiz. Bukatu zutenean Fortunek Azenarirekin hitz egin zuen. –Harrigarria nola egiten duzuen borroka! –Harrigarriagoa ehunka zaldunek nola egiten duten! –Ez nuke etsaia izan nahi. Hala ere, estribu on horiekin armak errazago erabiltzen ahal direla nabaritu dut. Imajinatzen dut nolako borrokak izan dituzuen. –Ez dakizu zenbat eta zenbat praktikatu dugun eta zenbat ordu sartu dugun! Gure gerlariek baino askoz denbora gehiago ematen dute praktikatzen. Gerrarako prestaketa baino ez dute egiten. Baina... Barkatu, zu eta Antsoren azken urteez galdetzeko gogoa ez zait oraindik agortu. Zer egiten duzue eguneroko bizitzan? –Beno, Antsok, duela bi urte Errege izendatu genuenetik, beti izaten du zer egin edo auziren bat erabakitzeko. Bestela ere, zuek bezala borrokarako trebaketan eta herrien zaintza eta kudeaketan ematen dugu denbora. Ni neu Erregeren guardiako kapitaina nauzu. Kapitain batzuk aritzen gara langintza horietan eta batzuetan larrialdietan mugako herrietara edo Naiarara joan behar izaten dugu. Azkenetan Ebroko islamiarren kontra borroka txikiak eta bi kanpaina izan ditugu. Latza izan da borroka. Arratsalde hartan, errekasto baten ondoan animalien aztarnak jarraitzean, gizonezko batzuen oin arrastoak ikusi zituzten. Arrano eta Balz begirale onak ziren eta aztarnetan informazioa ateratzen oso trebeak. Aztarnek erakusten zuten ezkutuan aritu ziren gizonak al-Zahra behatzen aritu zirela. Hiri-jauregira abiatu ziren eta abisua pasatu zuten. Jarraian eraso baterako prestatu ziren. Hurrengo goizaldean Kordobako milizianoen erasoa ekidin zuten. Azkenean joan ziren baskoiak. Azenari erdibituta sentitu zen, baina artean sanhayarrak ez zeuden salbu. Egun haietan Almeriara joateko esan zioten Azenariri inguru haiek al-Mustainen agindupean jartzeko. Gustura egin zuen mandatu hura maitasun kontuetatik urrundu nahi zuelako. Zanarekin zuen harremana zaila egiten zitzaion. Ehun gerlari, Azenari, Buna eta Umar buru zirela abiatu ziren, Jali Almeriako alkaidearekin, fata eslaviarrarekin hitz egitera. Handik hiru egunetara hiriaren ondoan kanpamentua jarrita, agintariarekin mintzatzeko eskaera egin zuten heldu aurretik. Espero baino lehen, handik ordu betera, arratsaldean bertan eraman zituzten alkaidearen aurrera. Jali beste agintari eslaviar asko bezala, handia, zuri samarra eta ile-bizar horiduna zen. Berarekin aulki batean merkatari zahar itxurako gizon bat zegoen. Gazteluko gela handi hartan Jalik eta beste agintari hark eskaera-eskaintzak entzun zituztenean, bakarrik uzteko eskatu zieten. Patioan geratu ziren zain. Handik ordu erdira deitu zietenean Alkaideak eta beste gizonak, hiriko kadia zenak, jakinarazi zieten men egingo zutela, autonomia mantentzearen truke. Negoziatu ondoren, Wadihren taldekoa izanda ere, adostasuna lortu zuten. Gudari batzuk utzi zituzten, bere momentuan zergak Medina al-Zahrara eramateko. Itzuli baino lehen portu aldera joan ziren Buna, Umar eta Azenari behin lana eginda ardo batzuk edatera. Itsasontziak begiratzen begiak alaitu eta gero, kaiaren ondoko ostatu handi eta ilun samar batean sartu ziren. Taberna, itsasgizonez beteta zegoen. Mahai inguruetan ez zen aulki librerik ikusten, barran justu leku bat egin ahal izan zuten eskatutako ardo pitxer eta hiru edalontzien aurrean. Egindako lana bukatu izana ospatzen ari zirenean, marinel batzuk hasi ziren zirikatzen. Berehala nabaritu zuten borroka bilatzen ari zirela. Soldadutxo deitu zituzten. Batek ozenki esan zuen leku hura ez zela jauntxoentzat. Oihuka hasi ziren eta bi marinel handik bultzatu zituzten lekutik mugitzeko. Hiru lagunek, harrituta, marinelak labanak ateratzen ikusi zituzten. Bat-batean gizon txiki baina indartsu batek erasotzaileak bota zituen lurrera eta itsas-txakur deituta ostikoka bidali zituen kanpora. Ez ziren berriro agertu. Gizonak errespetu handia sortzen zuen ingurukoengan. Hiru gazteei barkamena eskatu zien tratuagatik, marinelak aspaldian lanik gabe zeudela eta haserrea kanpotarrekin kaleratzen zutela esan zien gertatutakoa azalduz. Gizona ardo pote bat hartzera gonbidatu zuten gerlariek. Ali, berbere masmuda tribuko pilotua ezagutu zuten. Bere lanaz mintzatzen aritu zen. Bere nagusiek bi itsasontzi zituzten eta Almeria eta Afrikako iparraldeko portuen artean egiten zuten lan bidaietan produktuak garraiatuz. Neguan atseden egiten zuten garraiatu beharreko merkantzia-eskaeren esperoan. Dena den, azken urteetan ez zegoen mugimendu handirik, ez garraio, ezta merkataritzarik bi aldeen artean, basamortuan gerra zegoelako eta oso bidaia gutxi eta eskasak egiten zituzten. Alik kontatu zien bi urte lehenago egiten zutena: –Gu aritzen ginen al-Andaluseko luxuzko eskulanak ipar-Afrikara eramaten eta hango portuetatik esklaboak, produktuak eta urrea ekartzen. Orain ez da merkantzia erdirik mugitzen. Merkatari eta marinelak lanik gabe izateagatik familiak gosetuta daude. –Bunak galdetu zion nongoa zen. Alik Souira Guedimakoa zela esan zien. Masmuda tribukoen Atlantikoko porturik handiena zen Souira. Alik gonbidatu zituen kaian paseatzera. Ehunka untzi zeuden han. Aliren enpresako itsasontziak ikustera joan ziren. Bi itsasontziak ikusgarriak ziren, txukun eta garbiak. Alik zioenez bi galera ziren, bata handi samarra zen bostehun bat tona garraiatzen zuena eta berrogeita hamar bat metro luze, hiru masta zituena; Bestea, bi mastakoa, txikiagoa zen, berrogei metro luze eta zortzi zabal, berrehun bat tona garraiatzen eta hirurogei bidaiari ere eramaten ahal zituena. Gertuko itsasontzi txikiagora igo ziren. Sotora sartzeko sarrera itxita zegoen. Txopa osoan itxitura bat zegoen bi ate zituena, bi kamarote omen zirenak. Eskailera batetik kamaroteen gainean atzealdean lema eta lemazainaren tokia zegoen, maila altu baten gainean. Aliren lantokia zen, handik norabidea markatzen zuen eta aginduak ematen zituen belak igotzeko edo modu desberdinetan jartzeko. Branka aldean beste itxitura batean tresnak, sokak, belak, arraunak, koipea, bikea eta bestelako materialak gordetzen ahal ziren. Kanpoaldean metalezko xafla batzuen gainean eta haizetik babestuta sutegia zegoen, janaria prestatzeko tokia. Mastetan bi haga gurutzatuak zeuden, bela triangelu handiak kenduta zeuden, bilduta. Masta nagusira sokazko eskailera batetik igo zitekeen ikuspegia edo zeruertza alturatik ikusteko. Alik ontziaren bertuteak eta pasatutakoak kontatzen hasi zen. Ontzi harekin sakonera gutxiko uretan ere sartzen ahal zen, bi metro eskaseko sakoneran ibil zitekeen-eta. Azenari amesten hasi zen itsasoan barna kosta haietatik urruntzen ari zela. Mutila Kordobara itzuli zenean, eguneroko bizitza konplikatu zitzaion. Zanarekin zuen harreman ezkutua, susmo bihurtu zen zerbitzarien artean. Ia behin edo bitan harrapatu zituzten laztantzen. Zerbitzari batek ozenki galdetu zion Zanari Azenarirekin zituen solas eta keinuen arrazoia. Are kontu gehiagoz ibilita ere, Azenarirentzat obsesio bihurtu zen Zanarekin egotea. 29 - Afrika. Neguko egun hotz batean, blokeoaren asperrean, ongi babestutako barneko saloi batean ikatz berogailu baxu baten inguruan Ifriqiya-ren egoeraz mintzatzen ari ziren Zawi, Habus, Bulugin, Hubasa eta Osiris, Afrikako basamortu handitik etorritako gerlari batzuekin. Azenari ere han zen. Kanpotarrek sanhayar tribu batzuen arteko gerra sortu eta luzatzen ari zela adierazi zuten. Ahaggar-ek eta ajjer-ek esklabo eta urrearen merkatua eta merkatal bideak kontrolatu, kendu nahi zizkioten elkarri, momentura arte basamortua zonaldeka konpartitzen zuten artean. Azken bi urteetan gerra sortu zen. Lamtuna haiek nahiago izan zuten al-Andaluseko anaiekin edo ekialdekoekin elkartu, arrotzen aurka borrokatzeko eta ez iznagen, sanhayarren artean. Komertzioa geldituta zegoen eta gerlari bezala ez bazen ez zuten lanik. Afrikako iparraldean berbere herrien bizitoki zabala zegoen. Atlantiko eta Mediterraneoaren ondoan, Magraba eta Zanata tribu handiak zeuden al-Andalusetik hurbilenak. Sanhayar tribuak, aldiz, ekialde eta hegoaldean bizi ziren, Senegal eta Niger ibairaino nagusi. Tribu asko eta txikiak ziren lurralde zabalean, basamortua gehiena. Barnealdeko tribuak abeltzainak izateaz aparte, Afrikako komertzioa kontrolatzen zuten. Niger eta Senegaleko luxuzko produktuak iparraldera eramaten zituzten; hegoaldera, ordea, iparralde eta al-Andaluseko eskulan produktuak. Sanhayar tribuak, Ahaggar-ak eta Ajjer-ak bereziki, basamortu hiltzaile hura zeharkatzen zekiten bakarrak ziren. Bi mila kilometro zeharkatzeko ur putzuak eta bideak ongi ezagutu behar ziren, eta ezagututa ere, euri gutxiren arabera batzuetan karabana erraldoiak galdu eta bidaiariak hiltzen ziren jarduera hartan. Negualdean ehunka gamelutako karabanen bidez luxuzko oihal, bitxi, zeramika eta beirazko produktuak garraiatzen zituzten hegoaldera eta esklaboak, gatza eta urrea eramaten zituzten iparraldera. Lamtunak Senegal ibaiaren ondoan Sahelean bizi ziren abeltzaintzaz, Tukror eta Ghana erresuma boteretsuen ondoan, foutake eta soninke herri beltzen ondoan. Ghanak agintzen zuen Saharatik hegoalde zabal hartan eta Ahaggar-ek eta Ajjer-ek ordura arte basamortuko garraioa konpartitzen zutenek borroken ondorioz moztu zuten komertzio guztia. Lamtunek basamortuko sanhayar tribu eta Ghanakoen artean bitartekari lana egiten zuten. Bi urte baino gehiagotan merkataritzarik gabe ekonomia gelditua zegoen Afrikako eremu zabal hartan. Hegoaldeko herriek ez zituzten iparraldeko eskulanak eta iparraldekoei, aldiz, gatza, harribitxi, esklabo eta urrea falta zitzaien. Lamtuna bat, Idir izenekoa bere herriaren sufrimenduaren berri eman zien. –Ajjerrek beren nagusitasuna inposatzeko ezintasuna ikusita, gure herrien laguntza eskatu digute Ahaggarren aurka. Guk ez dugu iznagen anaien artean hilketetan parte hartu nahi. Ehunka gazte abiatu ginen Tunisia eta Argelera eta zuen fama entzunda, beni ziri handien armadan sartzen uztea eskatzen dizuegu. Senegal ondoan ez dago bizitzerik, komertzioa berritzen ez den bitartean. –Azenarik Almeriako esperientzia oroituz pentsatzen ari zena ezin isilduz bere ideia bota zien: –Basamortutik ezin bada, itsasontziz Afrikako kostaldea jarraituz Senegalera heldu daiteke, artisautza saldu eta pilatutako urrea ekarri ahal dugu. Almerian, Atlantikoko hiriekin komertzio egiten duten itsasontziak badaude. Egin ahal duguna da bidea hegoaldera luzatzea pixka bat gehiago. Ghanako agintariek baimenduko digute salerosketa, hemengo produktuen behar handia dutelako. –Denek begiratu zioten harrituta. Zawik baiezko keinua egin ondoren Idir lamtunari galdetu zion: –Azenariren ideia oso ona da. Guk eginkizun hori eginez gero, aberastuko ginateke. Zuek uste al duzue Ghanako erregeak onartuko duela beste batzuek itsasontziz eskulanak garraiatu eta saltzen badizkiete? –Gizonak hasieran dudatan, bere iritzia eman zion. –Orain arte adostutako komertzioa baino ez zuten onartuko, baina gure anaien burugabekeria ikusita, ziur asko onartuko dutela komertzio bide berria. Ongi pentsatuta, Ghanako merkatariak larri dabiltza eta nik neuk hango merkatariei eta erregearen mandatariei entzun diet galdetzen basamortuko beste biderik ez ote zegoen hemengo produktuak eramateko. Nik uste dut baietz, ideia ona dela. Takrur eta Ghanako agintariei etekina segurtatzen badiezue baimena emango dizuete. Senegaletik urtero gutxienez hogeita hamar tona urre ateratzen ziren eta bi urte hauetan ez da urrerik atera, beraz kopuru ederra atera daiteke, beharrezko zergak eta opariak jauntxo sarakole eta takrur agintariei utziz gero. –Ideia eztabaidatu ondoren denek oniritzia eman zuten eta ideia gauzatzeko gelditu ziren. Hurrengo eguneko arratsaldean Habus eta Zawi, ahaideekin ideia borobildu ondoren, elkartu ziren berriro Idir lamtuna eta Azenarirekin. Ontzat eman zuten Senegalera itsasontziz produktuak eramateko eta urrea ekartzeko ideia. Hori bai, isilean antolatuko zuten espedizioa eta isilean gordeko zuten ziritarrek urre-altxor hura, hartuko zituzten herrien agintaritza gehiegi estutu gabe gauzatu ahal izateko. Gainera, irabaziak handiagoak izateko ideia borobildu zuten. Artisau batzuk eramanez gero, garraiatutakoaz aparte, hantxe landu ahal izango zuten gehiago, salmentarako produktuak biderkatuz. Idirri galdetu zioten zein produktu izango ziren aproposak eramateko. Zeramika, beira, bitxiak, oihalak eta lurrinak omen ziren Idirren ustez komenigarrienak. Maisu artisauak bilatuko zituzten, lurralde haietako gaiak erabiliz gauza gutxiago eraman behar izateko. Itsasontziez mintzatzen hasi zirenean Azenarik Almerian gertatutakoaz hitz egin zien: –Afrikako iparraldearekin merkataritzan aritzen zen pilotua ezagutu nuen Almerian. Udaberrian Bujia, Ceuta eta Atlantikoko hirietatik hegoaldera joaten dira eta gehiago luzatuz gero Senegalera helduko lirateke. Esperientzia handia dute eta oraingo komertzio faltagatik erraz lortzen ahal dugu ontzi eder bat prezio onean. Kontatu zidatenez ibai gora sartzen ahal den ontzi arin eta handixkoa daukate, berrehun bat tona garraia dezakeena eta hirurogei pasaiari eraman ere bai. Denek onartu zuten Azenariren ideia. Ontzia eta tripulazio haiek erabiliko zituzten Senegalera heltzeko. Habus eta Azenari bidaliko zituzten espedizioaren burutzan. Udaberria baino lehen ontzia, tripulazioa, artisauak eta beharrezko gaiak lortu behar zituzten eta lanean hasi. Berehala, inbertsio horretarako dirua behar zutela garbi zegoen. Artisautzako luxuzko produktu batzuk erosi behar zituzten, oihalak eta bitxiak bereziki, eta artisauei soldata aldez aurretik eman behar izango zieten, arriskutsua zelako. Gutxienez ehun mila dinar behar zituzten, gehienak luxuzko produktuak erosteko, Komertzioaren gelditzearekin merkeago lortuko zituzten arren. Ziritarrek zuten diruarekin hasteko baino ez zuten. Hala ere, gehiago behar zuten eta konfiantzazko lagunen dirua beharrezkoa zen ekintza sekretupean mantentzeko. Azenariri ere dirua sartzeko aukera eman zioten. Beraren ideia izan zen bidaia hura. Habusekin bigarrenaren paperean, kapitain lanean joateagatik lortuko zuten urrearen milarena izango zuen soldata gisa, baina gainera inbertsio bezala sartuko zuen dirua ehun aldiz biderkatuko zuela esan zioten. Azenarik bazituen ehun bat dinar, frankoen kontrako borrokan lorturtakoak. Bakarrik Abd al-Rahman al-Nasir eta al-Hakamen liburu miragarri batzuk salduta lortu ahal izango zuen diru gehiago. Almerian itsasontzia eta tripulazioak ziurtatutakoan hasi zen al-Mustainen aldeko jassako kulturazaleen artean liburuak eskaintzen. Banu Hudayr batek liburu aukeratu batzuk erosi zizkion eta beste batzuek banakako libururen bat ere bai. Dena den saiatu zen dohainik ez ematen eta beste hirurehun dinar lortu ondoren Sevillara joatea erabaki zuen. Hango aristokratek, bereziki Abu Umar Ahmad, Hayyay-tar buruak interesa izango zuen eta halaxe izan zen, egun gutxi batzuetan beste zortziehun eta berrogeita hamar dinar eta ehunka dirham lortu zituen. Neguan zehar eskulan preziatuak erosi eta Almeriako biltegi batean gorde zituzten. Ali pilotua eta Ibrahim kapitainarekin prestaketa batzuk egin zituzten, behar izango zituzten gauzak eta jakiak momentuan prest izateko. Maisu artisauak ere bilatu zituzten. Berehala, beira, zeramika eta xaboi-lurrinak lantzeko artisautza Afrikan bertan egiteko plana egin zuten. Idirrek garbi utzi zuen etekinak ateratzeko kalitatezko eskulanak eramatea ez zela nahikoa, Takrur eta Ghanako mugazainak lapur hutsak ziren eta maltzurki behar baino gehiago eskatzen zuten merkantziak sartzeko eta ateratzeko. Are gehiago, askotan beste mugazain batzuek berriro eskatzen zuten zerga, gerlarien mehatxupean. Idirrek eta bereziki bere lagun Jonayk, bera berbere masmuda, esperientzia zuten funtzionario gaiztoekin eta beraien laguntza eskaintzeaz gain, saltzaile on batzuen beharra aurreikusi zuten. Mustafa, Faruq eta Abdul ben al-Bujia anaiak aurkitu zituzten. Arabiar-berbereak ziren eta Senegal iparraldeko hirien arteko garraio eta salmentetan eskarmentu zutenak, elefante bat salduko zioten basamortuko ajjer bati. Artisauetan, Muhammad eta Ismail semea, zeramika on eta desberdinak egiteko gai ziren. Faisal, beira lantzeko maisua zen eta Jalil bere laguntzailea berrikuntzetarako gauza zen. Jusuf maisuak kalitate handiko lurrin eta xaboiak egiten zituen eta Hasan bere ikasle aurreratua zen. Artisau guztiek eramango zituzten eskulanak aukeratu edo egin zituzten. Saltzaileek bitxiak, larruzko lanak, jantzi, zapi, oihal eta bestelako eskulanak aukeratu zituzten, berrogeita hamar bat tona artikulutan. Lehengaiak ere eramango zituzten. Zeramika egileek kalitatezko buztin desberdinak eraman nahi zituzten, baita beren lana egiteko metal oxidoak eta bi labe eraikitzeko materialak ere. Beira egileek, silize, kalitatezko harea aurkituko bazuten ere, Sosa kaustikoa eta kare pixka bat behar izango zuten, baita bero handia lortzeko laberako adreilu bereziak eta tresnak ere. Azkenik, xaboigintza eta lurrinak egiteko metalezko galdarak, tresnak eta sosa gehiago. 1011. urteko udaberrian abiatuko ziren. Lamtunek ongi zekitenez Senegal ibaia itsasontziz igotzeko uda hasiera garairik onena zen. Maiatzetik urrira euriteen eraginez hiru-lau metro gehiago igotzen ziren. Txalupa handiak ez ezik, bi metroko kalatua zutenak ere, ibai gora sartu ahal izaten ziren. Bitartean, azkeneko prestaketak egin behar zituzten. Bidaiara berrogeita hamabost gizon eta mutil joango ziren: kapitaina, pilotua eta zortzi marinel trebe; bederatzi artisau eta merkatari; hogeita lau gerlari, arraunean ere egiten ahal zutenak; bi gidari, Idir lamtuna eta masmudar bat; lau morroi, sukaldaria eta bere hiru laguntzaile. Habus agintaria izango zen eta Azeneri bigarrena. Maiatzean dena prest zegoen bidaia egiteko. Materialak, janaria, itsasontziak behar zituen gauzak eta tresnak ontziratuak ziren. Ontzia bera ere prest zegoen. Zawi, artisauak bilatzen aritu zena, egun bateko proba-ibilaldira agertu zen. Ontzia eta gidari aproposak zirela ikusitakoan, bost egunen buruan konfiantzazko gerlari iznagen-ak aukeratuta abiatuko ziren Senegalera. Madinat al-Zahratik atera ziren egunean bertan sekulako euritea egin zuen. Mendian bi egunez kanpamentu batean itxoin behar izan zuten eta beste bi pasatu ziren bideetatik ibili ahal izateko. Jakin zutenez Kordoban uholdeak 2.000 etxe bota zituen eta hildako pila utzi. Euriteak harresiak desegin zituen, jakiak galarazi eta gaixotasunak zabaldu ziren. Eskerrak Almerian euri gutxi egin zuen eta abiatu ahal izan ziren. Maiatzaren hasierako bidaia oso ona izan zen Gibraltar pasatu arte. Egun eguzkitsuak, haize freskoa eta gau izartsuak izan zituzten. Urrunean herri zuriak eta kosta berdeak ikusten zituzten eta itsaso urdin iluna. Ontziaren bizitzara ohitu ziren. Marinelak ez molestatzen ikasi zuten. Hamaketan lo egiten, espazio txikian bizitzen ohitu eta denbora-pasak bilatzen aritu ziren. Diru-jokoetan, apustuetan eta xakean aritzen ziren. Azenarik eta Habusek irakurri egiten zuten. Haizerik ez zenean, gizonak arraunean aritzen ziren, erreleboetan. Afrikako kostatik hegoaldera bigarren eguna egin zutenean, ipar-haizeak gogorrago jo zuen eta ekaitza izan zuten. Zorabioak jota, gizonak kareletik botaka aritu ziren, marinelak lasai ibiltzen ziren bitartean. Ez zuten kosta bistatik galdu eta abiadura handian egin zuten bidaiaren lehenengo zatia. Egun batean haizeak itsas barnera bultzatu bazituen ere, kapitainak utzi egin zuen itsasoan barneratzen. Berak zioenez handik irlak zeudelako. Eta halaxe gertatu zen. Irla batean lehorreratu ziren atseden eta ur freskoa hartzeko. Bertako biztanleak berbereak ziren eta ongi hartu zituzten. Hala ere, haizeak hego-ekialdera beraien bidera eramaten zituenez tinko baina leun, itsasoratu ziren berriro ere, justu frutaz hornitu eta hustutako ur-upelak berritutakoan. Handik egun gutxitara, kosta bistan, haizerik gabe arraunean egiteari ekin zioten egunetan zehar, noizean behin erreleboak eginez. Lanean hamabi arraunlari aritzen ziren batera, danbor baten erritmora mugituz eta berbere kantuen laguntzaz. Habusek eta Azenarik ere parte hartu zuten gaixotutako bi gerlarien partez. Zirudienez janarian izandako aldaketengatik gizon batzuk tripako minez ari ziren. Horretaz gain, ahal zutenean kanpo aldean eta kamaroteetan tartekatzen zuten denbora. Bi lagunek zorte handiagoa zuten gela txikia bakarrik sei pertsonekin partekatu behar baitzuten, binaka manpara batzuen bidez intimitate gehiago lortuz. Beste gelakideak kapitaina, pilotua, hiru artisau nagusiak eta Mustafa merkataria ziren. Gazteak, Ali eta Mustafarekin ari ziren hizketan, pilotua lema nagusian zen bitartean. Mustafa gizon alaia eta atsegina izan arren, pentsatzen ere bazekiela erakutsi zuen Habusek egindako galderekin. –Ali, orain arte ez da istilu handirik izan. Normala al da hau? –Ez, noski. Egunak pasa ahala eta bidaia espero baino gehiago luzatzen bada, arazo handiak sor daitezke. –Gure artean zaila iruditzen zait, baina zergatik izaten dira borrokak? –Begira, guk marinelak ongi kontrolatzen ditugu, gerlariak ere... –Bi mutilei begira esanda–. Zuek kontrolatzen dituzue eta artisauak eta merkatariok oso lagunkoiak dira. Arazoak, diziplina faltak eta injustiziek sortzen dituzte. Artean badugu janaria eta ur nahikorik gainera. Espero dezagun horrela jarraitzea, bitartean gutxienez beste bost bat egun emango ditugu Senegal ibaia ikusi baino lehen. Eskerrak haizerik ez denean itsas korronteek ere hegoaldera eramaten gaituzten. –Azenarik galdera bat egin behar izan zuen jakin-minak jota. –Orduan nola bueltatzen da iparraldera? Aurreko egunean esan zenuen haizeak bakarrik iparraldetik jotzen duela. –Bai, halaxe da. Arraunak erabiltzen dira iparraldera jotzeko. Horregatik ez da bide hau egiten, iparraldera itzultzeko zailtasunagatik. Arraunez gutxienez hiru hilabete behar izango genituzke Gibraltarreraino. Beste aukera bat da ipar-mendebaldera sartzea kostatik urruti ipar-ekialderako korronteak edota haizeak izan arte. –Baina itsasoa bukatzen da mendebaldean. Hori diote liburuek. –Marinelok badakigu egun askotan, bi mila itsas-miliatan gutxienez joan daitekeela barnera. Ekaitzak izugarriak izan daitezke, hala ere, eta arrisku handia dago hondoratzeko. –Denak isilik geratu ziren itzultzeko momentuan pentsatzen. Hemeretzi urteko gazteek adin beretsuko Ismail, Jalil artisauarekin eta Abdul merkatariarekin egin zuten harreman handia. Arratsaldero elkartzen ziren afaltzeko eta oheratu baino lehen izaten ziren mintzatzen. Beren ametsak eta gogoak adierazten zituzten. Ismail eta Abdul ziren ameslarienak. –Nik entzun dut buztina bilatzen duzunean, ukabilaren tamainako urre harriak aurkitzen direla –zioen zeramista gazteak. Abdulek ere baieztatzen zuen berak horrelakorik ikusi izan balu bezala, berak entzundakoa gaineratuz. –Niri esan zidaten Sigilmensan, basamortuaren erdian, eramaten dituzten luxuzko produktuak pisatzen zituztela eta pisu bereko urre kopuruarekin ordaintzen zituztela trukean. Daramatzagun hirurogei tona merkantzia, urre bihurtuko dugu eta oraindik zeramikak, beirak eta lurrinak egin eta salduko ditugu. –Denek jakin bazekiten ez zela hain erraza izango, baina amets hura imajinatzen ari ziren. Jalilek komentatu zuen beirazko lanak garraioan askotan hausten zirela eta horregatik izaten zirela hain preziatuak. Jarraitu zuen kontatzen–. Eskaera handia dago. Gainera, koloretako beirak egiteko teknika berriak daude, oxido berde, urdin eta gorriak; argiak edo ilunak erabiliz. Bestalde, eroslearen gustuen arabera egin daitezkeela kontuan izanda, salmenta ederrak egin behar ditugu. Habus eta Azenari, Kenan, Buna, Ekade eta Miguan, batzuetan beste gazteekin elkartzen ziren, solas-jolasetan berdinak ziren-eta. Solasgaiak askotan aberastasun ametsak ziren; gerlari gazteen gogoetan, ordea, kezka nagusiak emakumeak, abenturak eta borrokak ziren. Miguanek emakumeekikoa baino ez zuen buruan eta nabari zen. –Nik ikusi ditut Senegaleko emakumeak. Politak dira, titi eta ipurdi ederreko emakume puskak –bota zuen, eskuekin gehiegizko neurriak deskribatzen zituen bitartean. Denek barre-algaran ospatu zuten gaztearen ateraldia. Bidaiariek, beste talde, beste kuadrilla batzuk osatzen zituzten, adina, estatusa eta gustuen arabera gehienetan. Brankako itxituran ongi antolatuta, tresnak, iltzeak, sokak, egurrak, bikea, hagak, belak eta arraunak gordetzen ziren, baita denbora baterako eskura izateko ura, fruta eta bestelako janaria eta sutarako egurra. Gainerako hornidura eta janaria sotoan gordetzen zen, gutxitan irekitzen zena. Askotan baten bat estalian edo kamaroteetan sartu eta ezkutatzen zen jendetza eta zaratatik urruntzeko. Brankako itxiturako txokora ere joaten ziren lo egitera edo lasaiago egon ahal izateko. 30 - Takrur erresuma. Egun gehienetan ez zuten arraunean egin behar haizeak eta itsas korronteak lagunduta. Horrela, Almeriatik atera zirenetik hogeita hamalau egun pasa ondoren, Senegal ibaiaren bokalera heldu ziren arratsalde batean. Ordura arte itsasoaren haizeari esker ez zuten bero gehiegi sentitu. Egun hartan ez zebilen haizerik eta bero sapa sentitu zuten. Bazekiten lurralde haietan beroak egongo zirela, baina ez hainbeste eta urte guztian. Okerrena hezetasuna zen. Harea-barrera luzearen atzean omen zegoen ibaia Jonay lamtunaren arabera. Gidari horrek gogorarazi zien aurreko hilabetean adierazitakoa: Takrur erresuma zegoela Senegal ibaiaren amaieran, Takrur zela erregeen titulua eta Podor hirian ordaindu beharko zutela merkataritzarako eskubidea. Barreran sarrera bilatu zuten Ibrahim kapitainak eta Alik. Badia zabalaren barne-aldera iparraldera Diamguene edo beste izenez, Sene hiria zegoen. Zaingoko ontzi batek geldiarazi egin zuen itsasontzia. Jonayk eta Idirrek azaldu zieten espedizioaren asmoa eta helburua. Hiriko arrantzaleen herria eta txalupaz betetako ibaiertza pasatuta, gaztelu baten aurreko kaira hurbiltzeko eskatu zieten. Hiriko gobernadorearengana eraman zituzten. Gazteluaren aurreko plaza handian haiei begira agertu ziren herritarrak. Beltzak izaki, harrigarriki oso itxura eta lurrazal ilun maila desberdinetakoak ziren. Idirrek kontatu zienez, serer herriko jendearekin, lamtunak, bere herrikoak nahasi ziren eta ondoren fulbeek menperatu zituzten aurrekoak. Foutake hizkuntza erabiltzen zuten, fulbe edo peula ere deitua, serer eta lamtuna hitz askorekin nahasiak. Urteetan nahasi ziren arrazak baina baziren oso itxura desberdinetakoak. Batzuk nahiko zuriak ziren, beste batzuk beltz-beltzak, baina gehienek sudur eta aurpegi luzekoak, fulbeen eraginez zirudienez. Habus eta Azenari, Jonay lamtuna itzultzailearekin, Aberkan, sanhayar eskarmentuduna, Mustafa merkataria eta Buna gerlari-burua lagunduta gaztelura gonbidatu zituzten, saloi batean gobernadore eta gerlari batzuen aurrera eramanez. Sabaitik xafla edo paleta batzuen mugimenduari esker airea mugitzen zuten esklabo batzuek. Tally gobernadoreak, gizon beltz-beltza, luze eta mehea zena, serio, formala eta argia zirudien. Hasierako agurrak egin ondoren, gobernadorearen baimenarekin Jonayk berriro azaldu zion beraien helburua. Noble hark ongi etorri eman ondoren, komertzioaren etenaldi luzearen bukaera goraipatu zuen luze eta zabal. Poztu zen komertzio bidea Takrurretik eta Senegal ibaitik aukeratzeagatik eta gogoratu zien Podorren merkantzien hamarrena utzi beharko zutela joatean eta beste hainbeste bueltan. Beraiek kontrolatu behar zituzten merkantziak eta bi soldaduk lagunduko zituzten hiribururaino. Ghanako erresumak zergetan eskatuko zietena beste haien kontua zela zioen. Habusek ongi etorri eskertu eta Mustafa aurkeztu zion honek espedizioaren eskaera egiteko. Gizonak Idirren bitartez Takrur erresuma goraipatuta, berriro jarrera eskertu ondoren, zergen gehiegizkotasuna argudiatzen hasi zen, baita erretolika nahasgarria erabili ere . –Zuek produktuak sartzeko eta urrea ateratzeko eskatzen duzuen bostena gehiegizkoa da. Proportzio hori da osotara zuei eta Ghanako erresumari batera ematen zitzaizuena. Zuek lehen mugetatik pasatzen ziren merkantzien hamarrena hartzen zenutenean, horren erdiarekin gelditzen zineten, beste erdia Ghanara eraman behar zenutelako. Baina bakarrik merkantzien zati bat pasatzen zen zuen mugetatik, gehienak Ghana beraren mugetatik pasatzen baitziren –jarraitu zuen eten txiki bat egin ondoren–. Hamarrena zen zerga guztia, merkantziak sartzean eta berdina zen ateratzean. Baina, Ghanak ez zuen berriro zergarik eskatzen. Orain esaten duzuenaren arabera, Ghanak berriro eskatuko digu berea. Horrela ezin dugu negoziorik egin eta agian –hitzak nabarmenduz jarraitu zuen–, komeniko litzaiguke Gambia ibaitik sartzea Bambukera joateko –berriro egin zuen etena–. Orain gure itsasontziaz merkantzia guzti-guztiak sartu eta aterako lirateke Takrurretik eta gainera Ghanako eskaerari egin beharko genioke aurre. Guk ezin dugu gure produktuen ia erdia zergetan galdu, zuen eta Ghanakoentzat utziz. Gurea izango da dudarik gabe aurten sartuko den ia komertzio guztia eta beste bide batetik egingo bagenu, zergen erdia aurreztuko genuke. Ghanak ziur asko, zuek bezala hamarrena sartzeko eta beste hainbeste ateratzeko eskatuko digu –eten luzeagoa egin zuen berriro argudioetan jarraitzeko. –Hala eta guztiz ere, komertzioa errazago litzateke Senegal bide honetatik. Seguruagoa. Zuek gutxiago eskatuko bazenute egingo genuke. Orain, bat-batean, komertzioko zerga guztiak bi momentutan jasoko zenituzkete adostasun batera ailegatuko bagina. Hirurogei tona bitxikeria eta artelanetatik, orain hogeirena, luxuxko artisautza ederreko hiru tona jasotzea ez litzateke gutxi. Oso artelan politak eta onak dira gainera... Bestalde, artisau onak ekarri ditugu eta beira, zeramika eta lurrin piloak edo irabazien zerga galduko zenituzkete, beste bide batetik bueltatuz gero... –Isiltasuna erabatekoa egin zen. Minutu luze bat pasa zen Mustafak hitzak ia xuxurlatuz, azkeneko eskaintza egiteko–. Hiru tona altxor galdu ahal duzue orain eta itzuleran askoz gehiago. Gainera, zuei opari politak ere emango genizkizueke... Gobernadoreak ez zuen aurpegia aldatu. Mustafari eta Habusi begirada sakonak eta luzeak bideratu ondoren, erabaki bat hartu omen zuen. Tally gobernadorea konturatu zen lamtuna eta sanhayar haiek ez zirela edonor. Habus, Ziri sanhayar guztien buru izan zenaren biloba zela atera zien, baita espedizioa Zawi ben Zirik antolatu zuela ere. Goraipatu zuen aspaldian Zirik basamortuko merkataritza zaindu zuela eta harreman onak izan zituela Takrur eta Ghanarekin. –Jaunok, egia da komertzio falta honek baldintza eta egoera berrietara eraman gaituela. Gehiago eskatzen ari bagara ere, guk segurtasuna emango dizuegu. Dena den,... –berak ere luzatu zuen esaldia–. Egin duzuen eskaintzari nire oniritzia emango diot eta Podorrera bidaliko zaituztet gure erregearen erabakia izateko. Ez dut uste arazorik izango denik. Nik bidaliko diot guzti honen berri eta gure gudariren laguntzaz ez duzue arazorik izango hara heltzeko. Beraz, jan ezazue gure ogi eta gatza eta edan palmondo ardo hau, gure tratu hau ospatzeko. Horrela, ospakizun harekin, hain abegi eta jarrera onak eskertzeko, artisautzako objektu batzuk eta lurralde haietan gehien preziatzen zituzten beirazko edalontzi-pitxerrak, jantzi eta oihal batzuk gobernadoreari oparituta, erretiratu ziren itsasontzira bi gerlariren laguntzaz. Ikuskaritza azkar bat egin zieten, Podorren erregeak zergak gutxitzearen aldeko erabakiaren zain. Ur freskoa berritzeaz gain, arratsean janaria erosi ahal izan zuten Sene hirian eta aukera izan zuten lur gainean ibiltzeko. Hiria ez zen oso handia eta arrantzale herria zen azken batean, gazteluan komertzioa kontrolatzeaz aparte. Dena den, beraien etorrerak barne-aldeko jende gehiago erakarri zuen eta gaua pasatzeko zaintza handia jarri behar izan zuten, gobernadoreak osatu zuena, eraso eta lapurretak ez izateko. Hurrengo goizean, gerra-txalupa baten gidaritzapean, arazorik gabe igo ziren ibaian gora ekainaren bukaeran ibaiak ur maila handia izaten zuen-eta. Buztinezko etxe borobilak, lastoz estalitako etxe multzoak eta herriak ikusten zituzten ibai ertzeetan. Ibai ondoko zuhaitzez gain, larreak eta zereal soroak ikusten zituzten baso txikien artean. Mugalariek, ibaian zehar izaten ziren kontrolak pasatzen utzi zizkieten, gerlarien txalupa eta ontziratutako bi ofizialei esker. Berrehun kilometro eta bost egun pasa zirenean Podor hiria ikusi ahal izan zuten. Ibaian ekialdera joz, ibili ziren egunetan, eta bat-bateko hegoalderako errebolta batean, korronte nagusiaren indarretik babestuta mendebaldean, hiri txukuna ikusi zuten kaien ondoan txalupa eta ontzi asko biltzen zituena. Lehorreratu orduko, erregeak espero zituen eta jauregi ederrera eramanarazi zituen. Hiria zeharkatu zuten kale zabal batetik. Mendixka batean harresiz inguratuta, dorre ederreko buztin koloreko jauregi garbira hurbildu ziren. Ataria pasatu eta patioaren hegoaldean erregearen estalkira hurbildu ziren. Erregea handikiz eta gerlariz inguraturik zegoen. Han ere esklaboek sabaiko xaflei eragiten zieten aire beroa mugitzeko. Habusek eta enparauek erregea agurtu ondoren, berriro Mustafak egin zuen egoeraren azalpena. Bukatutakoan, erregeak ongi etorri eman ondoren, Tallyk idatzitakoaren araberakoa azaldu zuen, beraren erabakia esan gabe. Nola ez, goraipatu zuen Ziri eta beraren agindupean bakean eta onean bizi izan zuten garaia. Berriro garai eta harreman onen esperantza aipatu zuen. Horretan zeudela, itsasontzia ikuskatzen ibiliak ziren funtzionarioek adierazi zuten informazioa. Erregeak orduan adierazi zuen bere erabakia. Produktuen hogeirena onartuko zuten, baina berrogei bat tona lehengaiengatik ere, sosa, oxido, kare eta buztinagatik, artelan produktuetan hiru tona ez, beste tona bat eskatu zuen, osotara lau tona luxuzko produktu lortu nahi zituen. Habusek besteei galdera isila eta antzeztua egin ondoren onartu zuen eta eskerrak emanez. Gainera, eskulan guztien selekzio on eta eder bat oparitu zioten erregeari, beste berrehun bat objektu, gehienak txiki polit samarrak. Honek ukitu eta disfrutatu zituen oihal eta zeramikak, beirazko kopak eta ontziak, larruzko gauzak, metalezko edergailuak eta bitxiak. Bereziki ontzi txiki ederretako lurrinak usaintzen eman zuen denbora, mota bakoitzeko eskulan batzuk hurbiltzeko eskatu ondoren. Han gelditu zen denari so. Hurrengo egunean Altxorreko funtzionarioak zerga bezala hartzen ari ziren produktuak eta proportzioak zaindu ondoren, eta janari horniketa eginda, abiatu ziren Kayesera, Senegal ibaian gora Ghana erresumako hiri komertzialera. Lurretik zaldiz hogei gerlari takrurtar lagunduko zieten egonaldi osoan. Utzitako zergen ordean Takrurrek segurtasuna bermatuko zuen. Senon kapitainak agindua zuen berbereen segurtasun pertsonala zaintzeko eta hala egingo zuten lehen momentutik egonaldi osoan, isilean bidaiariak gertutik zainduz, besterik gabe edo nondik ikusten zen erasoak saihestuz eta beraien interes ekonomikoak babestuz. Mezulariak bidali zituzten Ghanara eta Kayesera. 31 - Ghana. Ghana edo Wagadu erresuma, beraiek deitzen zuten bezala, hirurehun urte lehenago sortu omen zuten soninkeek, sarakole elite batzuekin batera. Nekazariak ziren eta abeltzaintza garatu zuten estepetan. Merkataritzaren segurtasunak erresuma indartsuagoa izateko beharra sortu zuen. Erregeek beste errege txikiago batzuk menperatu zituzten, lurralde desberdinak bakean mantenduz. Esklabotza eta urrearen merkataritza kontrolatu zuten, iparrera, basamortura, produktu haiek eramanez eta handik berbereen bidez gatza, artisautza, oihalak eta beira-ontziak hegoaldera eramateko. Noble batzuek lurralde zabaletan agintzen zuten, lur eta animalia asko edukitzeaz aparte; beste handiki batzuek merkataritza handi horretan jarduten zuten. Segurtasuna bilatzeak batzuetan urrutiko leku desberdin askotara eraman zituen, Nigerrera ekialdean, Senegal ibaira hegoaldean eta mendebaldean, eta basamortuondoko sahelera iparraldean, Audagost, sanhayar lamtunen hiririk handiena konkistatuz. Takrur ere kontrolatzen zuten mendebaldean, menpeko erresuma horietakoa bat zen-eta. Hamabi egun behar izan zituzten Kayeserako. Ibai ondoko lautada haietan etxe gehiago ikusten hasi ziren. Hirian sartu baino lehen hegoaldeko ertzean, gaztelu baten ondoan lehorreratu ziren. Kayes hiriko kanpoaldean eremu zabal bat utzi zieten kanpamentua eta tailerrak jarri ahal izateko. Idir, Kumbi Saleh-raino, Ghanako hiribururaino joan eta itzulia zen. Espediziokoen asmoak behinean onartu zituzten eta Wagadu edo Ghanako noble batek merkantziak ikuskatutakoan, zerga eta opariekin abiatu behar zuten erresumako hiriburura, besteek kanpamentua antolatzen eta hesitzen zuten bitartean. Beren bizitokia segurua, ahal zen neurrian freskoa eta erosoa eraiki behar zuten. kanpamentuaren erdian plaza zabal bat utziko zuten, eguzkiko berotasunetik babesteko etxe eta biltokien ondoan estalpeak izango zituena. Erositako gurdi batzuetan zergak eta opariak garraiatu zituzten saheletik hiribururaino. Beste zortzi bat egun kostatu zitzaien heltzea. Senegal ibaitik iparraldera zereal soroak ikusi zituzten eta urrundu bitartean estepan abeltzaintzarako larreak aurkitu zituzten, behiak, ardiak eta ahuntzak milakako taldeetan. Hiriburuaren inguruan baratze eta baso handiak ikusten ziren. Sartu baino lehen, baso baten ondoan kanpatu zuten freskatzeko. Baso haietako bat sakratua zen eta han sartzen zituzten gaizkileak espetxe handi batean. Lapurrak esklabo sartzen zituzten. Kumbi Saleh bitan zegoen banatuta, hiri komertziala kanpotarrez beteta zegoen, inguruko erresuma eta herrietako merkatariak nagusi izanik eta harresiz inguratutako hiria bera, elite sarakole eta gehiengo soninkeen hiri ederra. Bertakoek harrizko eta egurrezko etxe handiak eta lorategiak zituzten. Kaleak zabalak ziren. Plazetan jendeak erosketak eta lanak egiten zituzten zuhaitzen itzalpean. Esan zietenez iparraldeko luxuzko produktuak aparte, aktibitate eta merkataritza handia mantentzen ari zen. Herritarrak beltzak ziren, altuak, itxura onekoak eta buru borobilak zituztenak. Soninkeak lagunkoiak eta alaiak ziren. Oso bizitza sozial handia zutela zirudien. Etorri berriak ikusi zituztenean ongi etorri zalapartatsua egin zieten. Ura eskaini zieten jauregi nagusiraino hurbiltzen ziren bitartean. Wagadu hitza sanhayarrek ulertzen zuten bakarra zen. Gogoratu behar da han inor ez zuela Ghana hitza onartzen, beraiek Wagadu deitzen baitzuten beren erresumari eta erregeari. Erregearen bizitokia, jauregi eta kuartel multzo handi bat zen. Harrizkoa. Patioetan lorategi eta ur biltegiak ikusten ziren. Gerlari lerroak agertzen ziren hormen gainera, dena zainduz. Zaldi asko eta politak ikusi zituzten sarreran. Jauregi nagusian sartu zituzten. Gela handi eta fresko batean Wagaduko erregearen aurrean belaunikatu ziren. Erregearen atzean handikiak zeuden eta inguru guztian gerlariak. Esan zietenez hantxe egiten ziren epaiketak. Idirrek aurkeztu zituenean erregearen partez ordezkari batek hitz egin zuen dotore eta handikiro, Habus ben Maksan ben Ziriri bere aitonaren garaia gogoratuz. Noble ikuskariak eman zuen bere informea eta ekarri zituzten erregearentzako opariak. Erregearen laguntzaileek goraipatu eta miretsi egin zituzten artelanak eta tartean erregeari erakusten zioten pieza bat edo beste, edo berak baten bat hurbiltzeko eskatzen zuen. Berriro desio onak elkarri emanda, formalki agurtu egin zuten elkar. Bi urte osoz artisautza lantzeko eta merkatzeko baimena eman zieten, bost tona artisutza produktu eder haien truke. Joango zirenean hogeirenarekin konformatuko ziren, opari eder handiak emanez gero. Ez zuten zerga urretan nahi, artelan ederretan baizik. Zeramikak, koloretako beirak eta lurrinak izan ziren gehien estimatzen zituzten produktuak. Aipatu bezala beste bost tona produktu kendu zizkieten zerga gisa. Hala eta guztiz ere, pozik alde egin zuten merkatarien hirira. Merkatarien artean lamtuna eta beste imazighen batzuk baziren eta haiengana jo zuten ekarritako eskulanetan bitartekari izateko. Haien artean ajjerrak eta ahaggarrak ez ziren gaizki konpontzen, beraien interesak ez baitziren aberastasunzalekeriaz jotako basamortuko tribuko nagusi batzuenak. Eguna, bitartekariak aukeratzen eta Kayesera gonbidatzen eman zuten eta merkantzia batzuk urre gutxiren truke baina propaganda bezala saldu ondoren, festa handi bat antolatu zuten kanpamentuan. Besteak beste, Azenzar masmuda, Afur ahaggarra eta Ubai lamtuna Kayesera joango ziren zubi lana egitera. Habusek Idirren bitartekaritzaz imazighen haiek ez ezik, soninke batzuk ere konbentzitu zituen sanhayarren intereseko merkataritzan sartzeko. Hizketan aritu ziren momentu batean Habus eta Ubai lamtuna. –Ubai, uste al duzu soninkeak gure produktuekin negoziatzera etorriko direnik? –Bai. Izan lasai. Aberastu nahi dute eta zuek zarete negozio egiteko aukera bakarra. –Sinesten dizut, baina gelditzen ahal dira zuzeneko parte hartzerik gabe, salneurri baxuak izan arte. –Ez izan kezkarik. Nik neuk entzun diet merkatari txiki batzuei zerbait irabazi nahi badute, Kayesera joan behar dutela. Berandu baino lehen ehunka merkatari ibiliko gara zuen kanpamentu ondoan gure biltegiak antolatzen. Imazighemez gain serereak ere guk nahi baino gehiago sartuko dira negozioan. –Habusek ahopez eskaintza egin zion. –Laguntzen badiguzue, zuek eta gure herrikook, aberastuko zarete. Hasieran ez bada, gu joateko momentuan zuen aldeko baldintzak hobetuko ditugu. Dena den, kontuan izan ezin ditugula, hasieran behintzat, gure artelanak merke utzi. Gauza bat egingo dugu. Zuekin tratua egin ondoren, ezkutuan ehuneko hogei edo hogeita hamarra itzuliko dizuegu, egindako negozio kopuruaren arabera –horrelako jokaerekin kudeatzen zuen Habusek merkataritza. Hurrengo egunean Senegal ibairantz joan ziren erregeak utzitako berrehun gerlariren laguntza izanik. Bakarrik leku batean gelditu ziren egun batez kobrea erosteko. Niarin meatzeak zeuden eta kobrea xaflatan erosi zuten gameluetan eramateko. Orduan gurdirik eraman beharrik gabe sei egun eskasetan egin zuten errekarako buelta. Kayeseko kanpo aldean, gaztelu handiaren ondoko eremu zabalean, ibai ondoan, harrizko eta buztinezko hesi ederrez babestutako kanpamentua aurkitu zuten, hamasei egunetan eraikia. Hegoaldean gaztelua zuten. Sarrera nagusia iparraldean ibaira begira zegoen. Hiria ekialdean zegoen. Edonola ere, tartean leku dezente gelditzen zen, eremu ireki eta zabal bat, azoka eta beste eginkizunetarako. Hiri ondora etorriko ziren merkatariek beren etxe-biltegiak eraikitzeko toki aproposa zen hura. kanpamentuaren barnera sartu zuten itsasontzia alde batean gorde zuten, mastak erretiratuz eta ongi estaliz. Ehunka pertsona sartzeko moduko plaza baten inguruan, ongi itxitako saltokiak eraiki zituzten bukaeran, hornitegiak, biltegiak, tailerrak eta espediziokoen bizitokiak saltokien atzean utziz. Plazaren bi aldeetan, ezker eta eskuin, biltegi gehiago zegoen. Takrur eta Ghanako gerlarientzako kuartelak ere ikusi zituzten eraikita ekialdean. Plazan zegoen eraikin handiena saltoki nagusia zen eta haren atzean hornitegiak eta tailerrak jarri zituzten. Zeramika tailer handian bi labe muntatu zituzten. Beira egiteko tailer bikoitzean ere, adreilu bereziez eginak, beste bi labe eta sutegi bat jarri zituzten ondoan burdindegia eta kobrea lantzeko eremu txikiagoa zuena. Hirugarren tailerrean, xaboi eta lurrinak egiteko su-toki handiak, alanbikeak, pertz eta galdara batzuk zituzten. Zaintzeko ardurarik gabe, imazighen gerlariak tailerretako laguntzaile bihurtu ziren eta berdin marinelak. Kapitainak, Ali pilotuak eta gerlari-buruek gizonei agintzen zieten orduan ere, bestelako eginkizunetan izan arren. Hiru anaia saltzaileek ere laguntza izan zuten. Habus eta Azenarik denaren arduradun ibiliko ziren. Beste gerlarien ofizialekin harremanak zaindu behar zituzten eta horregatik Buna, Kenan, Aberkan, Jonay eta Idir mantendu zituzten beren ondoan, aginduak emateko eta besteekiko harremanak bideratzeko. Lamtunen itzultzaile lana behar-beharrezkoa zen. Aginte tokia ia kanpamentuaren sarrera ondoan jarri zuten. Bi solairuzko etxea zen eta dorre altu bat zuen atxikita. Beheko pisuan Habus eta Azenari elkartuko ziren hurbilekoekin egunerokoak burutzeko eta goikoan logelak zeuden, kapitain haientzako. Atzean gelditzen ziren sanhayarren eta masmuden bizitokiak. Plaza handiaren bestaldean, saltoki handia, tailerrak eta jantoki-sukaldea zeuden. Saltoki nagusia plazako eraikin handiena zen eta bertan ongi antolatuta, beirak, zeramikak, lurrin-xaboiak eta bestelako artisautzak ikusgai zeuden, ongi babestuta. Burdin sare baten atzean hiru merkatariek laguntzaileekin, salgaiak erakutsiko zizkieten bakanka erosleei. Saltoki zabalaren sarreran, harrera gela zegoen. Han laguntzaileek edariak eskainiko zizkieten erosleei itxoin bitartean eta burdinazko hesiaren bestaldean, salgaiak nabarmentzen ziren ongi argitutako gelan. Jantokian hirurehun pertsonentzako lekua zegoen, bi txandatan eginez gero. Mahaiak handiak ziren, lerrokatuta zeuden eta bankuak zituzten aldeetan. Atzean, janaria banatzeko mahai luze bat, sukalde handia eta janari biltegia zeuden. Mahai-lerroen artean kale zabalak zeuden, banaketak erraz egin ahal izateko. Berehala antolatu ziren eta abuztuaren lehenerako hasi ziren agertzen Kumbi Saleh-tik etorritako merkatari sanhayarrak, soninkeak eta beste asko ere bai. Ubai, Azenzar eta Afurrekin batera merkatari pila bat, bitartekari lanean arituko ziren, momentuz nahikoak zirenak. Batzuek luxuzko produktuak erosten eta saltzen zituzten; besteek bestelako gaiak, eta janaria. Harresietatik aparte, tartean plaza bat utziz, merkatariek antolatu zituzten beraien biltegi, dendak eta baita behin behineko bizitokiak. Hiri txiki bat, auzo bat antolatzen ari zen gotortutako kanpamentuaren ondoan. Kayeseko biztanleak ere ingurura hurbiltzen ziren produktuen fama zabaldu baitziren. Artelanak saltzen hasi ziren eta urrea eskuratzen. Lau biltegitan banatu zituzten produktuak, nahasirik izan gabe. Balio handiko produktuak izaki, merkataria bakarka edo gehienez beste batekin sartzen zen saltzailearen eta sanhayar zaindarien aurrera. Mustafak negoziatu egiten zuen gehienetan, merkatariek aukeratu egiten zuten nahi zutena eta adostu egiten zuten zenbat urre emango zuten gustuko produktuengatik. Bakar-bakarrik urrea onartzen zuten ordainsaritzat. Artean, berrogei tona artisautza lan baino gehiago zuten salmentarako. Merkatari txikiek zeramikak erosten zituzten eta handiek beirak, bitxiak, oihalak edo lurrinak, gehienetan azkeneko hauek espezializatuta zeuden. Urrea oso ongi babestutako eraikin nagusian gorde zuten. Ikatza kopuru handitan lortu zutenean hasi ziren labeak eta ontziak berotzen. Zeramikak egiteko buztin beltza, zuria eta bi motatako gorrikoak ekarri zituzten al-Andalusetik. Egun gutxitan gorri argi biziko kalitatezko beste buztin bat aurkitu zuten, eta baita beste ilunago bat. Zeramika piezak egiten, egosten eta pintatzen hasi ziren Muhammad eta Ismail, bost ikasle-berriren laguntzaz. Lehenengo egunetan aproba asko egin zituzten eta ikasleak pieza onargarriak egiten hasi ziren, kantitateari baino kalitateari garrantzi gehiago emanez. Zeramika egile berriek askotan behin eta berriro moldatu behar izaten zuten pieza onargarri bat egiteko. Baina, pixkanaka asko lagundu zuten produkzioa handiagotzen. Merkatari batzuek ikusi zituzten beraiek egindako lanak eta ezaugarri berezietako eskaerak egiten hasi ziren. Gehiago ordaintzen zuten eskaera berezi horiengatik. Beirekin antzeko zerbait gertatu zen. Kalitatezko hareak lortu zituzten. Ontzi handiagoak eta finagoak egiten hasi ziren, lurreko bidaia osorik pasatuko ez lituzketenak. Beiragile berriek ikasketa prozesu motelagoa izan zuten, baina poliki pieza berri on eta anitzak agertzen hasi ziren. Faisalek kobrea lantzen ere erakatsi zien. Miguan eta Ekade trebetasun handia lortu zuten kobrezko piezak lantzen. Lurrinetan eta xaboietan berdintsu gertatzen zen. Ghanako Dyane eta Sacko kapitainek lortu zizkieten hamar bat morroi malinke taldekoak, ordura arte gehienak Kayeseko gazteluan lan egiten zutenak. Kayeseko biztanle asko malinkeak ziren, oso langileak. Tamin, Kane eta Traore beraien buruak ziren eta hirian izango zituzten eginkizunetan ibiliko ziren. Beraiekin etorritako morroiak laguntzaile pertsonal bihurtu ziren, kanpoko lanak malinkeek egingo zituzten bitartean. Malinkeak edozein lan zela-eta, baina talde lanean bereziki, berehala hasten ziren kantuan erritmoa eramateko. Gauetan ere, danborren erritmoarekin kantu eta dantza erakusketa ikusgarriak egiten zituzten. Hirurehun pertsonentzako mantenua, eta langintzarako materialak segurtatu zituzten. Beste ardura handia segurtasuna zen. Behin harresi altuak altxatuta, kapitain soninkeak harresien zaingoez arduratu ziren eta Awane Takrurreko kapitainak hartu zuen kanpamentuaren barneko zaintzaren ardura. Atariaren aurre-aurrean, saltokiaren ondoan eta Habusen aginte tokian mugimendu handia zegoen. Hantxe bertan jarri zituzten bankuak beteta izaten ziren. Beheko gela handitik pasatzen ziren gerlari buruak, beste arduradunak eta kanpotarrak, Habusekin egoteko eta kanpamentuko martxa mantentzeko. Azenari ari zen berari laguntzen beti. Bi gazteak ez zeudenean, Ibahim, Ali, Buna, Kenan edo Aberkani, haietako bati, uzten zioten ardura eta agintea. Habus eta Azenariren arteko harremana beti bezain ona zen. Habusek agintzen zuen espedizioan eta langintza hartan baina Azenariren laguntza estua izaten zuen beti. Habus, diru kontuak zaintzeaz gainera, Aberkan eta Mustafaren laguntzarekin eta Ghanako eta Takrurreko gerlariekin kanpamentuko defentsa segurtatzea zen bere kezka nagusia. Horretan Bunak, Awane eta Dyane kapitainek eta Jonay itzultzaileak laguntzen zioten. Segurtasunean arazo handi bakar bat izan zuten. Lekuan egun gutxi pasatu zituztelarik, merkatariek eta bertako herritarrek besterik gabe kanpamentua bisitatu nahi zuten ikusteko, negozio egiteko edo zer edo zer lapurtzeko. Habus gosaltzen ari zenean Jonay sanhayarrak eta Dyane soninkeak, haserretuko zelakoan, ez zioten behar bezala arazoa adierazi. Esan zioten jende askok sartu nahi zuela ataritik eta soldaduak bultzatzen ari zirela. Habusek erantzun zien sartzen ez uzteko, beste momentu batean itzultzeko. Ofiziala eta itzultzailea berriro itzuli ziren atarira, horrela ez zutela ezer lortuko pentsatuz. Baina lekura heldu ondoren, are egoera larriagoa zela ikusita, soldaduei gogorrago bultzatzeko esan zieten eta berriro Habusengana itzuli ziren egoera bere gordinean adierazteko. Bestela adierazi zion orduan Dyanek Jonayren bitartez. –Jauna, herritarrak gerlariak bultzatzen ari dira eta horrela sartuko dira –esan zuen larri. –Orduan esaiezu gerlariei beraiek ere ezkutuekin bultzatzeko eta kolpeka erantzuteko. –Izan zen Habusen haserretzeko puntuko komentarioa. Momentu hartan are larriago adierazi zion gerlariak. –Baina eskailera batzuk hartu dituzte eta harresiak eskalatzeko asmoa dute! –orduantxe konturatu zen Habus egoera zein punturaino zen larria. –Ba, behar bada indarra erabili behar dute atarian eta harresietatik. Saiatu zaitezte ez hiltzen, baina gogor erantzun. Deitu zaintzaile gehiago. Garbi gelditu behar da hau ez dela azoka arrunta. Hau segurtasun handiko eremua da eta sartzeko gure baimena beharrezkoa da. Ea ba, makiladaka eta indarra erabiliz bota atzera; bestela erabili armak kolpeak emateko helburuarekin. Argi al dago? –erran zuen haserre, gosaria utzi eta istilua zegoen aldera hurbiltzen zen bitartean. Ez zen berriro horrelakorik gertatu. Garbi gelditu zen leku hartan aberastasunak zeudela eta ezin zela nolanahi sartu. Kanpamentuko harresiak altuagoak eta gotorragoak eraiki zituzten gazteluko soldaduen laguntzaz eta lur-ebaki zabalez inguratu ziren. Dorre batzuk ere jarri ziren izkinetan, aginte-etxekoaz gain. Gerlari soninke batzuek, Sacko, Dyane eta Silaren agindupean harresien segurtasuna zaintzen zuten eta prest egon behar zuten edozein ezustetarako; soninkeen beste bi herenak normalean atsedenean ziren beraien kuartelean. Gotorleku baten barnean zeuden, atari handia eta zaintza estua zuena. Sartzen ziren merkatariak eta nobleak zaingo batekin ibiltzen ziren. Bertako biztanleek al-Qala Yawahirun, bitxien gaztelua arabieraz, denbora gutxian Kalayawarijun, eta hilabetera Kalayawar deitu zioten lantegi-gotorlekuari. Han bizi ziren gehienak atera gabe, behar zituzten jakiak eta gaiak bertako morroiek Azenariren agindupean eramaten zizkieten. Morroi horien bitartez eguneroko tratuan gehiago ezagutu zuten lurraldea. Tamin eta Kane malinkeak ziren, Ghanako soninke tribukoen ahaideak. Malinkeak Senegal ibaia eta Niger artean bizi ziren nekazaritza subtropikala landuz. Malinkeak ziren Bambuk eta Boure erresuma txikietan urrea lurretik ateratzen zutenak. Bambuken, Kayesetik bi egunetara, Faleme ibaiaren arro osoa zen urre-lurra. Negu hasieran, uztak bildu ondoren asko ziren buztin gorritik urre hareak ateratzen zituztenak. Hamar bat lagunetako talde batek urre kilo dezente ateratzen ahal zuen hilabete pare bateko lanaldian. Bouren ere, Ghanaren menpeko malinkeen beste erresuma txiki batean, urre-lur garrantzitsu batzuk zeuden. Azenarik, bestalde, artisautza arazorik gabe egin ahal izateko hornitze lanak eta ardurak zituen. Beharrezko materialak, laguntzak eta bereziki kanpamentu osorako janaria lortzea zen bere eginkizun nagusia. Tamin malinkeak eta Idir itzultzaleak, morroi batzuekin laguntzen zioten afera haietan. Egunero bere lana hasteko, tailer eta sukalde handitik egiten zuen itzulia behar zituzten gauzak zein ziren jakiteko. Tailerretan egun batetik bestera behar zituztenak ere erosi behar zituzten: lanerako zapiak, larruzko gauzak, sokak, tresna txikiak, botikak eta bereziki, ikatza eta egurra. Kontsumo handikoak izaki, hirian bertan erosi ahal zituzten. Sukalderako hirurehun pertsonendako jakiak izatea zen taldekoen betebehar nagusia. Soldaduei ez zieten soldatarik eman behar, baina janaria prestatu behar zieten. Bizpahiru gurdirekin eta hamar bat soldadurekin abiatzen ziren, lapurren kontra morroiak nahikoak ez zirelako. Bertako bizilagunak gosete handia pasatzen ari ziren. Sukaldariak erraten zien zalantza izatekotan zein produktu nahiago zuen. Horregatik espedizio txikia osatzen zuten eta zamatu orduko bidaltzen zituzten gurdiak. Behin janaria erositakoan, urrunago joan behar izaten zuten beste zenbait gauzaren bila. Egun batean Kayesetik atera behar izan zuten adostutako ikatza betiko saltokira eraman ez zutelako. Eskasia zutelako hiri ondoko ikaztegietara hurbildu zirenean, bidearen alde guztietatik atera zitzaizkien lapurrak. Borrokatzen hasi ziren eta kanpamentuan abisua eman izanari eskerrak, uxatu ahal izan zituzten lapurrak, zauri eta hezur hautsi batzuk besterik ez zituzten sendatu behar. Urte hartan gosete handia zegoen inguruko herritarren artean eta arma hilkorrak baino eskura zituzten tresnak, geziak eta matxeteak erabili zituzten gosetutako lapur haiek. Eraso zieten haiek ez ziren oso trebeak, azkar eta gaizki antolatutako jendetza baizik. Hasieran, behin edo behin, arazoak sortzen ziren bertakoekin mozkortutako gerlariak zirela eta. Festa egun batean gaugiroan palmondo-ardo asko edan zuten guztiek. Kalayawar eta merkatarien etxeen artean zegoen plaza handian, mahaiak eta aulkiak jarri zituzten. Erdiko su handi batzuen inguruan musikaren erritmoan dantza egin zuten gonbidatutako bertako emakume dantzari batzuek. Dantzaren berotasunean denek behar baino gehiago edan zuten eta azkenean baita Habusek eta Azenarik ere. Mozkorraldi inozente bat besterik ez zelakoan erretiratzen hasi ziren guztiak. Baina goizaldean deitu zioten Habusi, atarian hiritar batzuk iskanbila egiten ari ziren-eta. Habus, Azenari, Idir eta guardia batzuk atera ziren. Ehun bat herritar emakume eta gizon zeuden han oihuka, protestatzen. Haiek agertu zirenean, berehala adineko gizon batek oihuka azaldu zien bere haserrearen arrazoia. –Zuen gudariek txikitu dizkigute gure tabernak. Ordaindu behar dituzue egindako txikizioak –emakume gazteago batek bere kexa bota zuen. –Zuen gizonak jendea jipoitzen ibili dira gure dendetan nahi zutena apurtu eta lapurtzen zuten bitartean. –Habusek, lasaiago, banan-banan, gertatutakoak kontatzeko esan zien eta azkenean “zuen gizonak” Ghanako sei edo zazpi soldadu ziren. Errudunen bila hamarreko bi soldadu talde atera ziren orduantxe eta handik ordu gutxitara goizean goiz lehenengo orduan atarian bertan, Habusek kaltetuei behar zutena emango zietela eta errudunak auzipetuko zituztela hitz eman zien. Esan bezala egin zuten, kaltetuei erantzun ekonomikoa eta errudunei justizia egin zieten. Inor hilik edo larri zauriturik atera ez zenez, zigorrez jo zituzten kaltetuen aurrean. Sackok eta Dyanek agindutako zigorren bidez halako gauzak ez errepikatzea lortu zuten. Zorionez, dena ez zen arazo. Orokorrean ongi konpontzen ziren bertakoekin. Idir hogeita hamabi urteko gizon heldua izanik ere, gaztetxo baten ilusioz aritzen zen itzultzaile lanean baita bestelako edozein eginkizunetan ere. Bere umore onarekin edozein ate irekitzea lortzen zuen eta pertsonarik zailenekin harremanak errazten zituen. Hala gertatu zen soldaduekiko harremanetan eta kanpoan izandako eginkizunetan janari eta materialetarako negoziazioetan. Janari horniketarako, bertako merkatari, nekazari eta abeltzainekin tratu onak eta errazak lortu zituen. Baina bereziki inguruko jendea ezagutzeko eta lagun bihurtzeko trebetasuna erakutsi zuen. Azenari, goizeko lana bukatzen zuenean, Habusekin edo bakarrik tailerretara joaten zen langintzak jarraitzera. Zeramikak tornuan moldatzen eta margotzen ikasi zuen, lurrinak eta xaboiak egiten ere trebetasun pixka bat lortu zuen. Hala ere, gehien gustatzen zitzaiona beira goria hartu eta tutu batetik putz eginez, orrikaez forma eman ontziari eta itxura desberdinetako beirak egitea zen. Zailagoa zen behin hoztuta taila egitea. Horretan ez zen sartu. Nahikoa zuen edalontzi eta pitxer arruntekin. Kanpamentuan langintza arruntaz aparte, denbora librean beste jarduera batzuk egiten zituzten. Azenarik imazighen-ekin beraien hizkuntzan ere aritzen zen. Bi lagunek, Buna, Kenan, Ekade eta Miguanekin harreman estua mantentzen zuten. Lana bukatutakoan, eguerdian haiekin bazkaltzen zuten eta bazkalondoan, atseden baten ondoren, batzuetan armekin praktikak eta borrokak egiten zituzten. Dena den, sanhayarrek benetan maite zutena zalditan ibiltzea zen eta aukera izan zutenean zaldi on batzuk lortu zituzten. Handik aurrera zaldiak hezi eta praktikak egiteaz gain, noizean behin inguruetara ateratzen ziren taldean eta ibilaldiak antolatzen zituzten fisikoki ongi mantentzeko. Beste batzuetan trebetasun lehiaketak antolatzen zituzten, banaka edo taldekako jokoak eta borrokak eginez, Kayeseko kanpo aldean bertako biztanleen gozamenerako. Zanaga, zanaga, oihukatzen zuten gerlarien ikuskizuna eskertzeko, hala deitzen baitzieten sanhayarrei Senegaleko lurralde haietan. Zalditan xabalinak eta arkuz geziak botatzen zituzten urrunera arrapalada bizian. Patioan, behin, bi lagunek lauren kontra borrokatu egin zuten zalditan ezpatekin, beste laurak lurrean arnasestuka utziz. Gauetan, lagunekin hizketan izan ondoren, batzuetan Azenarik eta Habusek itzulia egiten zuten harresien inguruan. Batetik soninkeek behar bezala zaintzen zutela ikusteko, baina maizago gaueko freskuraz gozatzeko eta arabieraz bakarka hitz egiteko. Gau izartsu batean Azenarik Habusi bere kezka aurpegiaz galdetu zion. Habusek hasieran ez zuen onartu nahi. –Ez dut ulertzen zergatik esaten didazun muturluze bat naizela. –Ez zaitut horrela deitu. Ikusten dudana da, dena ongi doala eta zuri kezka bat nabari dizudala. –Zera... Agian arrazoi duzu. Ez zintudan kezkatu nahi. Dena ongi doa bai, baina nire ahaideak eta al-Andaluseko giroa faltan izaten ditut. –Eta norbait gehiagoren falta nire ustez. Zein duzu buruan? Ez didazu kontatu horri buruz. –Bai. Jaeneko alkaidearen alaba ezagutu nuen eta ezin dut burutik kendu. Zora du izena, Zoraya, eta edertasuna eta graziaren pertsonifikazioa da. Uste nuen pasako zitzaidala, baina gogora etortzen zaizkit bararekin emandako orduak. –Ezkondu behar duzu, laguna! –Zuk ere bilatu behar duzu emakume bat. Miriamekin zer moduz? –Ez dakit zer esan. Ez dut harekikoa oso garbi. –Buruan zeukan emakumea Zana bazen ere, berdin zen. Hori zen Habusekin gorde zuen sekretu bakarra. Laguna zerbait edatera gonbidatu zuen. Ostegunetan merkatu egun handia ospatzen zen. Aste osorako erosketa bereziak egiten ziren, nahiz eta edozein egunetan janari mota guztietako azokak izan. Kasualitatea izango zen baina ostiralak ziren festa egunak, malinke, soninke, diola, banbara, uolof eta sereren artean. Egun horretan eguneroko lanak egin gabe, jendea joaten zen beren jainkoen tenpluetara edo meskitetara familia eta lagunekin. Gero, ospatzera joaten ziren kaleetan festa giroa zabalduz egunean zehar. Espediziokoak edo, adin eta eginkizunen araberako kuadrilletan ateratzen ziren hiriko festa-guneetara. Orduan pixka bat bananduak baina muladiak eta sanhayar gazteak talde handixkoan ibiltzen ziren, haiekin Ali pilotua ibiliz. Festa egun batzuetan txalupan ibiltzen ziren Senegal ibaian, bi talde nahasian arraunketan aritzeko edo baita arrantzan ere. Berdintsu gertatzen zen kapitaina eta artisauekin, elkarrekin oso ongi konpontzen baitziren. Dantzak ikustea eta kantuak entzutea gustuko zuten guztiek eta festa egunetan kanpamentuan ere dantza eta kantu emanaldiak antolatzen zituzten gauetan. Azaroan, gertaera bitxia bizi izan zuten Kalayawarren. Marinel masmuda bat desagertu zen eta ez zuten inon topatzen. Karimek, desagertutakoa, beste bi marinelekin eta hiru gudari imazighen-ekin merkatariei laguntzen zien beraien produktuak saltzen. Gainera, Karim Faruq-en oso laguna zen eta beti elkarrekin ibiltzen zirenez, Faruq ohartu zen lagunaren faltaz. Bi egun oso pasatu ondoren, Azenarik hartu zuen bilaketaren ardura eta ikerketa hasteko merkatari guztiei galdeketa batzuk egitea pentsatu zuen. Eguerdian, bazkaldu baino lehen, elkartu egin zituen saltzaileak eta galdetu zien Karim noiz ikusi zuten azkenekoz? –Faruq-ek berak erantzun zion. –Ostiralean, festa egunean elkarrekin atera ginen Kayeseko kaleetara eta bat-batean desagertu zen. Ordutik inork ez du berriro ikusi –Azenarik beste galdera bat egin zien. –Inork nabaritu zuen zerbait arraroa Karimekin erlazionatuta? –inork ez zuen erantzun. Isiltasuna erabatekoa zen. Atzealdean zegoen beste marinel batek, Isa izeneko mutil batek begiak itxita, mugimendu arraroak egiten zituen, oso nabarmenak ez baziren ere. Denek begiratu ziotenean eskuak igurtzi zituen. Azenarik zerbait ote zekien galdetu zion. Bere erantzuna berezia izan zen. –Aspaldi honetan oso arraro zegoen. Ia ez zuen besteokin hitz egiten eta ihesean zebilen –Faruq-ek eta besteren batek baieztatu zuten hura. –Zuetaz aparte beste inorekin ibili al da Karim? Pentsatu ongi, norekin ibili den. –Poliki galdetu egin zuen Azenarik pentsatzeko aukera eman nahian edo, Isak berak erantzun zion. –Bai. Soninke batekin aritzen zen kanpora ateratzen zenean –Faruq-ek ere baieztatu zuen. –Bai. Merkatari soninke batekin harreman onak zituen –Azenarik Isa-ri eta Faruq-i esan zien berarekin bazkalondoan elkartzeko. Besteei eskerrak eman zizkien. Bazkaldutakoan, biekin gela lasai batean eseri zen Azenari. Berehala galdetu zien Karimek noiztik jokatzen zuen arraroago. Bien erantzuna izan zen hiru aste lehenagotik hasi zela jokaera iheskor harekin, kanpoko jendearekin harreman gehiago izaten hasi zenean. Azenarik baieztatu zuen buruarekin eta bere eguneroko jokaeraz eta lanaz galdetu zien. Faruq-ek azaltzen hasi zen. –Guk merkatariak banan-banan hartzen genituen biltegi bakoitzaren sarrera-saloian eta erosi nahi zituzten produktuaz galdetuta, haiek biltegiko atzealdetik erakarri egiten genituen. Badakizu ni oihalak, zapiak eta luxuzko bitxiak saltzen ibiltzen naizela. Karimek produktuak ekartzen zizkigun hemengo merkatari-erosleei erakusteko. Gehienetan nik esaten nion, Isari bezala, zein motatako merkantzia eta zenbat ekarri behar zituen. –Ez al zuen zerbait lapurtuko? –Faruq-en sorpresa eta Isaren lasaitua nabaritu zituen Azenarik. –Orain arte ez nuen sinetsiko. Baina bere jokaera ikusita, izan daiteke –bota zion merkatariak. Isak ere baieztatu zuen. Marinelen logelara Karimen gauzak miatzera joan zirenean, ez zuten ezer aurkitu, ez ohatzean ezta zeukan bidaia-zakuan ere. Isa bera ohe azpian hasi zen zulo batetik lurra ateratzen. Larruzko zakuto batean ongi tolestutako oihal eta zapi batzuk atera zituzten, baita zilarrezko bitxi eder pare bat. Garbi zegoen lapurtutako gauzak zirela. Arratsaldean bertan merkatari soninkea eta haren saltokia bilatzera atera ziren. Bi masmudek kale zabal bateko denda seinalatu zuten. Denda barnean lanean edo, merkatari soninkear bat oihal pieza bat erakusten ari zitzaion adineko malinke aberats bati. Merkatariak modu atseginak eta lagunkoiak erakusten zizkion erosleari. Hura zen Karimen laguna. Joan ziren merkatariaren susmorik ez sortzeko. Azenarik erabaki zuen gizon haren ibilerak jarraitzea. Jonayri esan zion bertakoen artean merkataria jarraitu ahal izateko gizonak bilatzeko, tentuz ibiliko ziren behatzaileak. Bi egunen buruan, merkatari soninkearen berri zehatzak zituzten. Silla Kono zen, Kumbi Saleh-tik berriki etorria eta denda gainean bizi zena. Azenarik, Sacko gerlari sarakole nagusiari hitz egin zion auziaz eta ikertzeko agindu zion. Bitartean Jonay-ri dirua eman zion merkatariaren zaintza estua eta tentu handikoa jarraitzeko. Ahal izanez gero, norbait ondoan bizitzen jartzeko. Hasieran ez zuten informazio gehiegirik jaso. Merkataria dendan aritzen zen lanean. Mutil batek lanak eta mandatuak egiten zizkion eta emakume batek garbiketak eta otorduak prestatu. Hala ere, astebetean informazio interesgarri gehiago atera zuten. Festa egunetan eta noizean behin ibai-portuaren ondoko etxe batera joaten zen. Tentuz joaten zen eta ongi pasatzeaz gain gizon susmagarri batzuekin aritzen zen hizketan itxurak eginez. Gizon haiek lapurrak, mugalariak, eta gaizkileak ziren. Ezkutuan egiten zuten lan. Haiei jarraiki, erdi eroritako txabola batean norbait gordeta zutela esan zioten Azenariri. Honek, Jonayk eta gerlari soninke batzuek jipoitutako Karim gixajoa askatzea lortu zuten. Silla Kono desagertu zen. Hurrengo egunean, Karim hobe zegoenean galdeketa egin zioten Habusek eta Azenarik. –Zergatik lapurtu duzu? –galdetu zion Azenarik. –Merkatariak, inor ez zela konturatuko konbentzitu ninduelako. Ez nuen nahi baina gizonak hasieran oso ongi portatu zen ezer eskatu gabe eta konturatzeko lapurtzen ari nintzen berarentzat. –Ba al zen beste lapurrik? Erantzun, bestela... –Habusek zigor handiagoekin mehatxatu zuen begiradaz. –Ez. Nik dakidanez. Nik ez nuen gehiago lapurtu nahi, ezta lapurtzeko jende gehiago bilatu. Horregatik itxi ninduten eta aritu dira ni kolpatzen egun hauetan. Azkenean hil nahi ninduten. Gizona festa egunean auzipetu zuten denen aurrean eta Habusek, kolpe nahikoak eta gehiegi zituela ikusita, epaile bezala poste batean lotuta egunak pasatzera zigortu zuen, lotsa pasaraztea aski izanen zelakoan. Handik aurrera lanik desatseginenak egin beharko zituen. Ordutik, ez zen horrelako lapurreta gehiagorik izan. Kanpamentura bidaltzen zituzten jaki batzuk bai, bidean batzuk lapurtzen zituzten ezustean. Gehienetan gosetutako pobreek egiten zuten, askotan umeek. Hala ere, dena ez zen arazo. Abenduan Senegaleko urak oso baxu zeuden. Urritik hasi ziren jaisten eta ordura arte ibai portuaren inguruko aktibitatea, barnealdeko bidegurutzearen ondoko zelaietara pasa zen, haien kanpamentua eta merkatarien auzo berriaren ondoan hain zuzen ere. Salgaiak txalupetan ez, gurdi handietan ekartzen zituzten. Egun batean jendea nabarmen gaixotzen ari zela ikusi zuten. Sanhayar eta masmuden logeletan gizon batzuk gelditu ziren ohean, ezin altxatuz. Habusek sendagilea zen masmudari galdetu zion zer gertatzen ari zen. –Sukarrak hartu ditu, beherakoa dute eta mina sentitzen dute gorputz osoan. Gizon hauek zaintzeko laguntza behar dut. –Zergatik gertatzen da gaixotasun hau? Zerbait txarra jan al dute? –Ez dut uste. Besteok onik gaude. Esaten dute eltxoek gaixotasuna zabaltzen dutela. Guk ezin dugu ezer egin, ongi zaintzea ez bada –momentu hartan soninkeen burua agertu zen Ghanatarren artean gaixo gehiago zegoela esateko. Habusek bertako sendagileei galdetzeko eta laguntza eskatzeko erabaki zuen. Malinkeen artean ez zen ia gaixorik. Sukar haiek ohikoak ziren inguru hartan eta ur gutxiko garaian. Hilabete luzeetan borrokatu ziren gaixotasun eta eltxoen kontra, euriak eta freskotasun pixka bat izan zen arte. Tamalez, gaixo batzuk hil ziren, hamabost bat, haien artean marinel masmuda bat eta sanhayar bat. Urtarrilean urre eremuetara bisita egitera joan ziren, Azenari, Habus, Idir, Keita malinkea eta Abdul, gerlari eta morroi batzuekin. Kanpamentuan, Mustafak, Banak eta Aberkanek elkarrekin bete zuten Habusen papera eta Faruq-ek eta Taminek Azenarirena. Helburua, batetik urre-biltzaile malinkeak ezagutzea zen eta bestetik artelan produktuen erakusketa eta propaganda egitea zen. Bidaiariak Senegal ibaitik gora zaldiz abiatu ziren, beren eskulan aukeratuak mando batzuetan eramanez. Senegal sorburutik ekialdean egun gutxitara Boure erresumako urre-soroetara heldu ziren. Handik atera eta sei egunera Niger ondoko Siguiri hirian sartu ziren. Baimena eskatu eta opari batzuei esker, Kane errege malinkeak ongi etorri egin ondoren bere ordezkari baten laguntzaz urre eremuak bisitatzen utzi zien. Bertako merkatari eta herrietako nagusiei artelanak erakutsi zizkieten urrearen trukaketa sustatzeko. Ez zieten buruzagiei ezer saldu, produktuen berezitasuna eta apartekotasuna azpimarratzeko. Keitak harremanetan laguntzen zien eta urre-biltzaileen soroetara gonbidatzea lortu zuen. Malinke urre-biltzaile talde-buruek urrea ateratzeko egiten ziren lanketak erakutsi zizkieten eta beraiek ordean beren artelanak. Mutur aurrean gozokiak bezala pasatzen zizkieten beraien gustuko zeramikak eta koloretako beira-ontzi ederrak. Urrea ateratzeko egiten zutena oso gauza sinplea zen. Urre-lurrak, buztin gorrikoak, harriz garbitzen zituzten eta gero urarekin desegiten zituzten. Sinple baina behin eta berriz lurra garbituta, pisu handiko urre-hareak gelditzen ziren ontzi berezien hondoan. Gutxika, kostata, urrea lortzen zuten. Langintzako horretako nagusiek, eskuz egindako bitxiak eta artelan desberdinak eskuratzeko, sanhayarrei ordainez urre dexente eskaintzen bazieten ere, hauek ez zuten onartzen eta bakarrik asko erregututa objektu bakan bat, fabore berezi pertsonal bezala saltzen zieten urre-biltzaileen nagusiei. Ez zuten guztiekin egiten, atsegin eta harrera ona egin zietenekin baizik. Malinke lagunkoi noble batek, urre lurrean talde batzuen aurrean lohietan sartu eta urrea ateratzera gonbidatu zituen. Idir, Keita, Habus eta Azenari, arropa kenduta, lurra garbitzen hasi ziren jo eta ke. Ontzi zapal eta zabalekin urarekin desegiten zuten lurra. Hala ere, hiru ordu pasata urrezko harea-pikor txiki-txiki gutxi batzuk baino ez zuten ateratzea lortu. Goitik behera lohi gorriz zikinduta, nekatuta eta haserre zeuden. Orduan nobleak ohar batzuk adierazi, eta aginduak eman zizkien bere menpekoei: –Begira nola distiratzen duten eguzkitan. Atera itzazue zulo horretatik, belardian oihal fin horren gainean garbitu itzazue ura gainetik botaz –egin zutenean urre-harea pikor txiki batzuk, azken batean harea finekoak, gelditu ziren belar gainean dir-dir, beren harriduratako. Harekin, hala ere, ez zen dena bukatu. Nobleak beste agindu bat eman zuen. –Haiek garbitutako lurra berriro garbitu. –Denen aurrean denbora gutxian, lagunek ateratako urrea baino gehiago lortu zuten, baita harribitxi txiki batzuk. Ikaspen handia izan zen. Trebetasun handia behar zen langintza hartan. Eskukada txiki haren truke beira gorriko pitxar eder bat eta edalontzi jokoa eman zioten noble txantxazaleari. Orduan konturatu ziren urrearekin batera harribitxi politak ere ateratzen zituztela urre-lurretatik. Niger ibaiaren goialdean izan ondoren ipar-mendebaldera jo zuten beste urre-lurren bila. Bambuk erresumatik ere ibili ziren, Senegal ibaira itzultzean, Faleme ibaiadarretik behera jaitsi zirenean. Han ere noble eta talde-buruei beren artisautza erakutsi zien eta harreman onak egin zituzten. Otsailean lan gutxiago izan zuten. Tenperaturak baxuagoak ziren, hotzak izan gabe. Ez zuten ia ezer saltzen eta egindako artisautza piezak asko ziren. Goiz bukatzen zuten lana, eta arratsaldeetan bazkaldu eta atseden egin ondoren sanhayarrek zalditan ariketak egiten zituzten. Denbora gutxian lortu zuten maila handia, denak baitziren gerlari aukeratuak. Kalayawarretik urrun praktikatzen bazuten ere, laster inguruko jendea joaten zen mirestera. Behin, egun batzuetako ibilaldia egitea erabaki zuten. Ibaia gurutzatu eta zalditan ipar-ekialdera joan ziren hogei sanhayar, Habus, Azenari eta Idir: zauritutako bat, gaixorik zegoen beste bat eta Aberkan beteranoa kanpamentuaren arduradun geratuko zena kenduta, sanhayar guztiak. Habus eta Azenariren agindupean zazpi egunetarako janari eskasa eramanez, trosta eramangarrian legoa asko egin zituzten hiru egunetan, atseden gutxi egiten zutelako. Gauean ongi egiten zuten lo, ez eltxo eta mandeuliei esker, neke-neke eginda zeudelako baizik. Hasierako paisajea, mijo, sorgo eta kotoi laboreak baso txikien artean bazen, ibaitik urrutiratzean alorrak, soroak eta zuhaitzak desagertu ziren. Palmondo eta baobab erraldoi bakanak ere desagertzen hasi ziren sabana haietan, akaziak, aldiz, ez. Larreak ere lehorragoak ziren eta estepan sartu ziren. Animaliak, antilope talde handiak, zebra zaldi marradun talde batzuk eta gazelak ziren nagusiki. Tarteka, elefanteak, jirafak, bufaloak, lehoi familiak eta lehoinabarrak ikusten ziren. Dena den, intsektuak ziren molestagarrienak eta sugeak arriskutsuenak. Termitegi asko ikusi zuten. Lehen gauean baobabetatik ogi-fruitu mamitsuak, azidoak eta freskagarriak hartu zituzten. Bigarren gaua Nioro hiriaren ondoan egin zuten eta hurrengoa sabanaren erdian erreka lehor baten ondoan. Suak jarri zituzten kanpamentuaren inguruan lehoiak zeudelako. Sabana mugagabea zen eta hurrengo eguerdian bueltatzea erabaki zuten. Goizean ezkutuan zegoen lehoi eme batek gizon bat zauritu zuen “libratzen” ari zenean. Zauria ez zen oso sakona, baina zornatu zen. Eguerdian baobab erraldoi baten itzala bilatu zutenean hogei bat dromedarioko karabana bat topatu zuten. Merkatariak ifora batzuk ziren, sanhayarrak haiek ere. Mendebaldeko basamortua saihestuta Ifriqiyatik eta Sahara erdi-erditik eraman zituzten artisautza produktu batzuk. Timbuktutik pasa ziren eta Niarin edo Kumbi Saleh-n saldu nahi zituzten zenbait produktu. Haiei konpetentzia egiten bazieten ere, anaiak izaki, gustura konpartitu zuten janaria eta solasa. Habusek hartu zuen hitza. –Hobe duzue zuzen-zuzenean Ghanako nobleengana jotzen baduzue hiriburuan, guk bitartean soninke merkatariei saltzen baitiegu Kayesen. –Mila esker, Habus ben Ziri, printze hori. Timbuktura ez jarraitzeko aholkatu behar dizuegu, Niger ibaiaren ondotik ez bada, urik aurkituko ez duzuelako. –Eskerrik asko zuri ere. Hala ere, ez genuen jarraitzeko asmorik. Gizon baten zauriak garbitu ondoren itzuliko gara Senegalera. –Zornatutako zaurietarako baobab hauen hosto freskoak dira hoberenak. Infusiotan ere lasaigarriak dira, bai gaizkitutako zauri edo hausturak, baita espirituz lasaitzeko ere. –Ongi da. Mila esker. Zauritua zaindu ondoren itzuliko gara. Hala ere, merkataritzaren egoeraz galdetu behar dizuet. Zuek egin duzuen bezala ba al dago beste karabanarik basamortua zeharkatuko duenik? –Galdetutakoak segundo batzuk eman zituen etorkizuna nola ikusten zuen pentsatzeko. Gero segurtasunez erantzun zuen. –Baten bat aterako da hemendik aurrera. Orain arte ajjertarrek eta ahaggartarrek ez digute pasatzen utzi. Baina, badakizue iparraldean behar direla urrea eta esklaboak. Gure anaien arteko borroken zentzugabeak eta nekeak borroka bukatzera behartuko ditu eta ekialdetik pixkana berrituko dira merkataritza bideak. –Bai espero dezagun egoera konpontzea. Sanhayarron hobe beharrez izango litzateke. Anaia iforak agurtu eta Kayesera itzuli ziren. Beste lau egun kosta zitzaien heltzea, gehien bat suge batzuen ziztadak zirela-eta bi zaldik itzulera atzerarazteagatik. Sugeek ez omen zuten pozoi askorik bota, bestela zaldi haiek gabe geratuko ziren. Neguan, lehor-aldia izaten zen eta hotzik izan gabe tenperatura pixka bat suabeagoak zituzten. Uztak jasoak zituzten, uzta ederrak urte hartan, eta gose garaia urrun gelditu zen. Gizonak erlaxatu ziren eta gehiago ateratzen ziren Kalayawarretik. Urruneko auzo pobreen buztinezko etxe txiki zirkularrak, lastoz estaliak ziren nagusi. Hiri erdiko plaza nagusien inguruan, aldiz, buztinezko etxe karratu, handi eta edertuen artean ibiltzen ziren. Etxeak garbitzen eta kanpoan edertzen zituzten. Bertako aberatsek ahal zutenean, etxeetako buztinen gainean irudi geometrikoak zizelkatzen zituzten edo kolore bizitan margotu, bai barnean eta gehienetan kanpoan. Martxoan eta apirilean merkatari malikeak agertu ziren beren urrea saltzeko. Ehunka merkatarik, askotan talde batzuetako urrea pilatuta Kayesekoei saltzen zieten urrea, janari eta behar zituzten beste produktu batzuen truke. Normalean, merkatariek urrearekin zeramika, lurrinak, xaboiak, kobrezko piezak, beirak eta oihalak erosten zizkieten al-Andaluseko merkatariei, baina ez zuten urre askorik eman nahi eta merkatariek ez zuten merke saldu nahi. Eskerrak egindako lagun malinkeek zuzenean beraiekin tratu asko egin zuten. Horrek salbatu zituen sanhayarrak urtea alferrik pasatzetik. Merkatariek, Mustafak, Faruq-ek eta Abdulek lasaitu zituzten berandu baino lehen salmenta onak prezio onean lortuko zituztela esanez, malinkeen jarrera zabalduko zela baieztatuz. 1012ko maiatzean, agertu zirenetik bederatzi hilabete pasa zirenean, eskulan asko eta onak landu ondoren salmenta dezente eginak zituzten, baina askoz gehiago produzitu zuten eta milaka zeramika eta beira pieza salduta ere, beste hainbeste zituzten saldu gabe. Merkatariek gutxiago ordaindu nahi zuten beraien produktuengatik. Mustafak, berriro ere, aholkatu eta erregutu zien gehiago itxoiteko nahiz eta momentuz salmenta batzuk galdu. Hala ere, edozein preziotan ez saltzeko erabaki zuten. Lortutako urrea ere ez zen gutxi, hamabost bat tona, baina bazekiten urte haietan askoz urre gehiago bildu zutela; merkatariek, inguruko herrietako agintariek eta Ghanako nobleek gordetzen zutena. Eskulanak, dena den, gustatzen zitzaizkien bertakoei. Aleak eta aleak egiten jarraitu zuten. Biltegietan ez zen gehiago sartzen eta beste biltegi batzuk, handiagoak, egin behar izan zituzten. Urte osoan berdintsu jarraitu zuten. Poliki, salmentak egiten ibili ziren. Bigarren neguan arazo gutxi izan zuten, bereziki al-Andalusetik etorritakoen artean, tirabira eta eztabaida gehiago sortzen zen. Azenarik eta Habusek gizonek itzuli beharra zutela nabaritu zuten. Hurrengo udan itzuliko zirela zabaldu zuten, arazoei arreta gehiago jarri zieten eta garbi utzi zuten ez zutela bortizkeria onartuko. Soninkeek eman zuten lan gehien eta zigor batzuk jarri behar izan zituzten arazoak gelditzeko. Baina, hura egitea eta konpontzea beraien buruzagien kontua zen. Neguaren erdian, 1013ko otsailaren hasieran, hogeita hamar tona urre ere ez zuten bildu. Momentu hartan, ordea, al-Andaluseko merkatari eta artisau harrigarriak bere herrira itzuliko zirela zabaldu zenean, bai merkatariak bai urre-biltzaileak, talde bakoitza bere aldetik pieza liluragarriak galduko zituztela pentsatu eta urre kopuru handiagoak eskaintzen hasi ziren artelan eder haiengatik. Martxoan malinkeek eskaintzak handiagotu zituzten. Denek nahi zuten urrea artelanetan bihurtuta eduki. Merkatariak bildutako artelanak saltzen aritu ziren etengabe. Apirilean karea, sosa, oxidoak eta margo pigmentuak bukatzen ari zitzaizkien eta gehiago bilatzera eta lantzera joan ziren talde batzuetan. Karea ekartzen ari zen taldea eraso zuten bidelapurrek eta sanhayar bat eta bi gerlari soninke hil zituzten, morroiek ihes egin zuten eta kanpamentuan agertu ziren. Habus eta gerlari batzuk agertu zirenean mandoak eta hildakoen gauza guztiak desagertuak ziren. Hildakoak lurperatu zituzten eta gurdiko kare-harria eraman zuten zaldiak gurdietan lotuz. Martxoaren bukaeran Ghanako eta Takrurreko erregeen ordezkariek, besteek bezala egonaldia bukatuko zutelakoan agertu ziren, lortutako urrea pisatu eta zergen ezarpena egiteko. Hirurogeita hamar bat tona urre pisatu zituzten. Saldu gabeko produktuetan tona gutxi batzuk baino ez zuten bilduta. Erabakitakoaren arabera biek batera hamarrena eskatu behar zuten bi erresumako erregeek eta zerga haiek artisautza produktuetan eskatuko zutenez, beraiek kalkulatutako zazpi tona urrearen truke, hogei tona artelan ederrekin ordaindu behar zuten, hamabost Ghanari eta bost Takrurri emateko. Oparietarako beste hamar tona nahikoak izango zirela uste zuten, haietako zazpi Ghanako erregearentzat. Gauzak horrela, artisautzako produktu pila bat egin behar zuten hilabete eskas batean, errege haientzako gustuko opariak egin ere. Hasieratik gordeak zituzten oihal eta Al-Andaluseko bitxi batzuk aparte, lan handia zuten egiteko. Lamtunen berri jaso zuten. Ajjerrak gero eta erasokorrago ari ziren jartzen Tagant eskualdean. Aoudagost ez zuten erasotuko Wagaduko gerlariei beldurra zietelako, baina lamtuna libreekin ausartzen ziren. Ez zen txantxetako gauza, mezulariak Habusi kontatu zion bezala: –Wadan hiria hartu dute. Gure tribu osoaren menpekotasuna eskatu dute. –Horrek esan nahi du basamortua kontrolatzen ari direla ezta? –galdetu zion Habusek. –Sijilmasako bideak eta oasiak bai gutxienez. Kontua da behingoz borroka irabazi nahi dutela eta orain ez dugula ihesbiderik. Men egiten ez badiegu akabatuko gaituzte eta egiten badiegu ahaggarrei egin behar diegu gerra. Gure zaharrek laguntzeko eskatu nahi dizuete, Ziri, zure aitonaren oroimenez. Zuek bakarrik geldiarazi ahal dituzue. Ajjerrek Aoudagosteko kontseiluari ez diote kasurik egin. Modu batean edo bestean gure emakumeek eta haurrek ordainduko dute gose edota heriotzarekin. –Gizonak itxaropenik gabe hitz egin zuen eta Habusek laguntza ematea agindu zion. –Ez dut uste gure ospe hutsez geldiaraziko ditugunik. Berrogei egunetan abiatuko gara hemendik. Beste hamar bat egunetan Podorren izango gara eta hamar egun gehiagotan Wadan-en izango gaituzue, bakarrik edo Wagadu eta Takrurreko gerlariekin. Hilabete batean tamaina handiko zeramika koloretsuak, lurrin eta xaboi usaintsuak, kobrezko objektu zizelatuak eta kolore desberdinetako beira ikusgarriak egiteari ekin zioten, baita bi urte haietan, egindako lagunei ere azken momentuan zerbait oparitzeko moduan. Apirila bukatu zenean, prest ziren joateko eta Habusek esan zien marinel eta gerlariei handik aurrera egingo zituzten piezak edo lortuko zituzten negozioak beraientzat egiteko baimena emateko. Baldintza bakarra zuten, urretan ez kobratzeko. Urre guztia sanhayar estaturako izango zen. Apirila bukaeran zergak eta opariak bidali zizkieten Kumbi Saleh-ko agintariei. Aldi berean laguntza eskatu zieten lamtunak ajjertarrengandik defendatzeko. Azenarik azken momentuetan bere aldetik negozioetan ibili ahal izango zela zekienez, errubi ikusgarri piloak zituen trukerako. Beirazko pieza asko egin zituen eta orduantxe eskulan haiek eta bere kabuz ekarritako Almeriako errubiak negoziatzen aritu zen egun luze batzuetan. Merkatari-adiskideek lagunduta merkatariei eskaini zizkien, beste harribitxi batzuen truke. Berrehun dinarrekin erositako Almeriako milaka errubi harri ederrak eta beira pieza pilak, beste milaka harribitxi ikusgarri gehiago bihurtu zituen, askoz gehiago, onak eta handiak, zafiro eta esmeralda eder anitz tartean. Altxor bat. Arratsalde batean Azenarik Habusekin zaldiz itzuli bat egin behar zuenean, honek erran zion gaizki zegoela. Janariak gaizki egin omen zion eta beherakoa zuen. Azenarik inori ezer erran gabe zaldia aho-uhaletik hartu, Kalayawarretik atera eta trosta bizian abiatu zen estepa batetik. Akazia eskaseko paisaia hartan erreferentzia handirik gabe, hegomendebaldera jo zuen. Arratsalde erdian, errekasto txiki batean zaldia edaten zegoen bitartean, baobab bat ikusi zuen handik ez urrun. Ura edan ondoren, zaldia hartuta zuhaitz erraldoira hurbildu zen lore zuriak, fruituak eta hostoak hartzeko. Gora igo zen eta loreak aukeratzen ari zenean zaldiak ihes egin zuen Kayesera. Berehala ikusi zuen arrazoia: lehoi eme talde bat hurbiltzen ari zen. Ez zuen ihesbiderik eta animaliak helduko ez ziren adarretara igo zen, alde egingo zuten zain. Ez ziren joan. Baobabaren inguruan geratu ziren berari begira. Berandu egin zen eta baita gautu ere. Jateko bazuen baina ezin zuen lo egin, adarren elkartze batean leku ona izan arren. Ez zen beldurtu, baina ederki damutu zen bakarrik eta abisurik eman gabe joan izanaz. Goizean lehoi familia osoa gustura zegoen han eta egoerak iraungo zuela pentsatzen ari zenean, Habusek sanhayar eta soninke gerlari batzuekin uxatu zituen lehoiak eta zaldia hurbildu zioten. Habusek txantxa egin zion agur gisa. –Gaupasa ederra egin duzu eme horiekin! –Bai, ez dut begirik bildu gau osoan. Nola jakin duzue non nengoen? –Ikusi zintuzten norabide honetan eta goizean zure zaldiak utzitako aztarnak oso garbi zeuden. –Loreen infusioak on egin zion Habusi erabat osatuz eta hostoak, fruituak eta azal puskak erabilgarriak izan ziren. Garai hartan Azenari esna geratzen zen gauean, besterik ezean logalerik gabe. Hausnarketa egiten zuen aberastasun eta bizitzari buruz. Zertarako urrea, bizitzan zeregin eta gogo handirik ez bazuen? Sanhayarrek bai aberastasun haiekin erresuma bat antolatuko zuten. Herritarrak gehiegi estutu gabe instituzioak eta defentsa sistema ezarri ahal izango zuten. Elvirako koran, Granatan, jatorrizko lurraldera itzuli ezean bizitoki bat, babestoki bat aurkituko zuten. Azenarik ere leku bat nahi zuen berarentzat haiekin? Baina itzuli nahi zuen Baskoniara, Uhartetik urrun egon nahi bazuen ere. Osaba Fortunekin bizi? Ez zekien artean zer eginen zuen, baina bere familiarekiko arazoa konpondu nahi zuen. Maiatzean euriteekin batera urak handitzen hasi ziren. Abiatzeko azken prestaketak egin zituzten. Lehenik, itsasontziaren kroskoa edo kaskoa garbitu eta bikez babestu zuten, mastak beren lekuetan jarri eta aparejuak prest utzi zituzten. Harresi zati bat bota behar izan zuten itsasontzia gotorlekutik ateratzeko. Soka eta poleekin uretara jaitsi zuten ontzia eta berreraiki zuten botatako harresia, urrea salbu izateko. Azken gauean lagunei agur-afaria eta festa egin zieten. Arratsaldean hasi ziren lagun merkatariei eskerrak ematen. Bi lagunak beren etxean elkartu ziren, Afur, Azenzar eta Ubai merkatari lagun handiekin azkeneko solasaldi lasaia izateko, nahiz eta gautu ondoren, denak berriro izanen ziren festan. –Eskerrak eman behar dizkizuegu, lagundu diguzuen guztiagatik. –Zuei, gu aberasteagatik –Ubaik ironiaz eta txantxetako itxuran esan zuen, baina pena nabari zitzaion. Habusek jarraitu zuen. –Zuek ahalegindu izan ez bazinete, ez ginen hain ongi egongo. Bihar goizean azkenekoz egingo dizuegu agur, zuei eta baita laguntza eman diguten beste merkatariei ere. Beranduago, morroi malinkeei ere eskerrak emateaz gain, diru eta opariak ere eman zizkieten. Tamin, Kane eta Traore laguntza handikoak izan ziren eguneroko eginkizunetan eta tratu lagunkoia izan zuten haiekin, Tamin bereziki. Gauean jan eta edan zuten patioan, kanpamentuko guztiak eta gonbidatuak. Beranduago, ondoko zelaira atera ziren Kayeseko ezagun guztiekin festa partekatzeko. Kantuan eta dantzan aritu ziren su handi baten inguruan. Azkenik, hurrengo goizean, ontzirako azkeneko horniketa guztiak egin eta gero, urrea larruzko zakuetan atera zuten ordu gutxi batzuetan ongi babestuta. Arratsaldean bazirudien Kayeseko herritar guztiek agurtu behar zituztela. Gautu baino lehen, ibaian behera abiatu ziren, berrehun eta hamabost gerlarik ondoko bideetatik jarraitzen zituzten bitartean. Podorren espero zuten Ghanako Kumbi Saleh-ko gerlariak agertzea. Senegaleko ur handituen abiaduraren laguntzaz, bost egunetan heldu ziren Podorrera. Mezuak bidali zituzten. Egun pare batean Ghanako erregearen erantzuna ere espero zuten. Aberkan, Buna, Kenan eta bi lagunak elkartu ziren espedizioa prestatzeko. Habusek bere asmoak adierazi zizkien besteei. Ez zen eztabaidarik, Habusen autoritatea handia baitzen. Bukatzean galdera bat besterik ez zuen egin. –Plan hau da ziritarra naizenez gero pentsatzen dudana. Ados al zaudete? –denek adostasuna eman zuten. Soninkeak ia mila zaldun ziren. Agertu zirenean agintariei egingo zutena aipatu zieten eta ados zeuden. Ez zuten eztabaidatu. Ziritarrei laguntzera agertu ziren. Zaldiz, bost egunetan Wadanen ziren eta atari nagusiaren aurrean hitz egin zuten ajjerren agintariekin. Harrituta zeuden Ghanako gerlariak ikusteagatik, baina are gehiago ziritar bat han ikusteagatik. Habusek argi adierazi zien lamtunak bakean utzi behar zituztela eta aurreko egoerara itzuli behar zutela. Ajjertarrek ordu batzuk eskatu zituzten haien artean hitz egiteko. Gautu baino lehen erantzuna eman zuten, hurrengo egunean joango zirela eta bake bidetik hasiko zirela hitz emanez. Hurrengo egunean ajjertarren erretiratzea gertatu zen denen harridurarako. Hiriko lamtunen agintariekin izan ondoren denak itzuli ziren Podorrera. Hantxe agurtu eta eskertu zieten takrurtar eta soninkei egindakoa. Berriro ere andikiro egin zuten. Senon, Sacko, Sila eta Dyane kapitainekin izan ziren aparte batean. Pertsonalki eskertu zieten zaintza eta beraiei eta beste gerlariei artisautza produktu eder batzuk oparitu zizkieten. Soninkeak itzuli ziren Kumbi Saleh-ra. Ziur aski bakea izango zen handik aurrera basamortuan eta sanhayarren artean. Merkataritza-bideak irekiko ziren berriro. Podorren erregeari zergak eta dohaintzak utzita, Senera joan ziren itsasoratu baino lehen, janaria, ur bilketa eta frutak biltzera. Tally gobernadoreak zoriondu zituen espedizioaren asmoak gauzatu eta basamortuan bakea lortzeagatik. Beraiek Tallyri eskertu zioten hasierako jarrera harengatik, gero errazago izan zutelako egin beharrekoa. Opari on batzuk eman zizkioten eta azkeneko egunean afari on bat ospatu zuten, itsasoratu baino lehen. Bidaia luzea izango zen: hilabeteak pasatuko ziren berriro lurrean lasai izan arte. Abiatu baino lehen, hurrengo egunean, Tallyk azkeneko aholkua eman zien. –Ez ahalegindu alferrik iparraldera joz. Arraunketan alferrik arituko zinatekete. Haizearen eta korronteen kontra onenean hilabeteak eta hilabeteak beharko zenituzkete eta ekaitzek itsaso barnera bidali ahalko zaituztete. Jarraitu ipar-mendebaldera hilabete batez hego-mendebaldeko haizeak eta korronteak aurkitu arte, agian denbora gehiagoz. Irla berdeak aurkituko dituzue hiruzpalau egunetan, han ur horniketa ahalik eta gehien osatzea gomendatzen dizuet. –Aholku hura Ibrahim eta Aliren esperientzia eta entzundakoekin erabat ados zegoen eta halaxe egingo zuten. 32 - Afrikatik al-Andaluserako itzulia. Handik hirugarren egunera irla batera iritsi ziren. Takrurren herrikideak bizi ziren han. Aholkatu bezala ur gehiago jaso ondoren ipar-mendebaldera abiatu ziren itsaso beldurgarritik barna. Sei aste pasa ziren ipar-mendebaldera jo zutenetik. Beldur ziren. Kalkuluen arabera bi mila milia egin zituzten itsas barnera. Haize eta korronteen gorabeherak izan zituzten. Zenbaitetan arraunetan egiten zuten; beste batzuetan, haize gogor lehorrak izan zituzten, beti hegoaldera jotzen zutenak. Senegal ibaiaren bokala baino iparralderago zeuden. Aste bat pasa zenean, lehenengoz, hegoaldetiko haizea aprobetxatu zuten ipar-ekialdera jotzeko. Alirekin hitz egin zuten Habusek eta Azenarik. Azenarik zalantzak adierazi zizkion pilotuari. –Hau al da espero genuen haizea? Bukatu dugu mendebalerako bidaia? –Bai. Hala espero dut behintzat, zeren bidaia hau nahita inork gutxik ez du egin. Ekaitzetan galdu diren bidaiariek baino ez baitute egin. –Eta zenbat falta zaigu itzultzeko? –galdetu zuen Habusek kezkatuta. –Egin dugun bezainbeste, ipar-ekialdera. –Saiatu gara ur gutxi gastatzen, baina nahiko izango den ez dakigu –ez zen galdera Habusek adierazi zuena baieztapena baizik. –Badaezpada ere, arraunean laguntzea komeni zaigu. Gizon onak eta bulartsuak dira hauek –erran zuen pilotuak. Berrehun anfora ur baino gehiago gelditzen zitzaien. Beste bi hilabeteko bidaiarako ozta izango zutela uste zuten. Bi astez hegoaldeko haizeak eraginda asko aurreratu zuten ipar-ekialdera. Gero haizerik gabe ibili ziren, baina korronte apropos motel batek bidean lagundu zien. Hiru hilabeteko bidaia zuten egina, ekaina hasieratik, eta ia irailean ziren. Arraunean eta korronte onekin jarraitu zuten beste bi astez. Suertea izan zuten eta Azoreetako irla txiki batean lehorreratu ziren. Ez zuten inor topatu, baina ur freskoa berritzeko aukera izan zuten. Ibrahimen ustez al-Andalusetik mila eta bostehun miliatara zeuden, al-Garberen parean edo. Behar zuten haizea izango ote zuten jakin gabe mintzatzen ari ziren Habus eta Azenari. Habusek espedizioaren erantzukizuna sentitzen zuen. –Gure abentura honen bukaera gertu delarik, beldur naiz azken momentuan ez ote den dena pikutara joango. –Ez izan hain ezkor! Bidaia bukatzekotan, espedizioaren helburua betetzen ari da. Ez dut honetaz mintzatu nahi, baina ez duzu obsesionatu behar. Zuk, egin behar dena egin duzu eta ez duzu itxaropenik galdu behar. –Arrazoi duzu. Lasaitasunez jokatzea besterik ez dugu behar. Aldeko haizeak izan zituzten hurrengo egunetan. Urriaren hasieran, lurra ikusi zuten azkenean. Txalupan lurrera joan ziren kapitaina eta marinel batzuk mezuak bidaltzeko. Sagres ondoan ziren, al-Garbe koran. Handik beren berri bidali zioten Zawiri. Gau argitsu batzuetan mugitu ziren kostako herrietako argien eta kapitan-pilotuen eskarmentuen gidaritzapean. Gibraltar pasatu zutenean, lasaiago ibili ziren. Kostaldea ikusi zutenetik bost egunetara, gauerdian al-Motril ondoan hondartza batera heldu zirenean, Zawi eta berrehun bat gerlari zituzten zain. Argirik piztu gabe, ilargitan, urrea deskargatu eta ezkutatu zuten inguruko koba batean. Helvira hiritik hurbil sanhayarrek alkazar bat eraiki zuten Granata hiriaren ondoan. Han kokatu zuten beren hiriburua. Handik aginduko zuten Elvirako kora osoan. Al-Hamrra mendixkan eraikitako alkazarrean gorde zuten urrea. Espedizioko partaide bakoitzari adostutakoa eman zioten. Artisau eta kapitainei lortutakoaren milarena eman zieten; laguntzaile, marinel eta gerlariei horren laurdena. Aberatsak ziren eta ziritarrek altxor handia zuten erresuma arazorik gabe sortzeko. Azenarik aberastasun handia lortu zuen. Hirurogeita hamalau kilo urre jasotzeaz gain, milaka harribitxi eder eta handi zituen eta are gehiago lortu zuen mila eta ehun dinarren truke ehun bider lortu baitzuen. Ehun eta hamar mila dinar berri emango zizkioten Madinat al-Zahrako zekatik pasatutako urreaz egina. Al-Andalusen gauza asko gertatu zen haiek Senegalera joan zirenetik. Aurreko udaberrian, 1013ko maiatzaren 9an azkenik lortu zuten berbereek eta Sulayman al-Mustainek Kordoba errenditzea. Baina kalifa hiriburuan sartu zenerako, gerlariek hartuta zuten, arpilatze eta mendekua gauzatuz. Alkazarrean Hisham II al-Muayyadek abdikatu zuen bigarren aldiz. Hainbat pertsonaia atzerriratu edo erail zuten. Ikaragarria zen Kordoban gertatua. Etsai batzuek birrindutako hiriburua zen. 33 - Sulayman al-Mustain-en bertuteak eta akatsak. Erdiko Markak eta Levantek ez zuten al-Mustain onartu eta honen jarraitzaileek gainerako korak banatu zituzten, feudo moduan. Berbere magrawarrek Toledo eta al-Garbeko korak hartu zituzten, Banu Ifranek eta Banu Birzalek Jaeneko koraren ipar-mendebadea, Banu Dammarek eta Azdachek Medina Sidonia eta Moron, Zaragozako kora handia Mundhir ben Yahya tuchibiari eman zioten eta Elvira kora aberatsa sanhayarrei eman zieten. Betiko kalifatoa desegina zegoen. Kalifak Kordoban eta inguruan baino ez zuen agintzen eta zerga gutxi heltzen zen Estatua mantentzeko. Fitna hasia zen. Praktikan korak independienteak ziren, agintari zibil eta militar batzuek teorikoki Suliman al-Mustainen autoritatea onartzen bazuten ere. Bestetik Sulayman al-Mustainek ez zuen agintzeko balio, momentu eta inguruko agintarien arabera aldatzen baitzituen erabakiak. Horregatik ahal izan zutenak urrutiratu ziren beren jabegoetara. Azenarik erdi abandonatutako Madinat al-Zahratik zeuzkan liburu piloak hartu zituen eta Granadara joan zen bizitza aro berri bati ekiteko. Ez zuen oso garbi zer egingo zuen. Bere lagunen garaipena gauzatu bazen ere, al-Andalus pobreago bat ikusi zuen, miseriaz aparte, jendearen tristezia eta gorrotoa nabari zen. Granatan, ordea, giroa bestelakoa zen. Bertako judutar eta mozarabeak gehiengo ziren eta pozik hartu zuten ziritarren agindupeko gobernua. Muladiak ere ez ziren gaizki tratatuak sentitzen eta segurtasun giroak lagundu zuen nekazaritza eta komertzio aktiboak mantentzen. Sanhayarrek koraren segurtasun eremuak banatu zituzten. Kapitainei eta beren gerlariei barrutiak banatu zizkieten eta mantentzeko, ondasunak eta jabegoak utzi zizkieten. Agudo erantzun behar zuten Zawik deituz gero; gerlariek prest egon behar zuten eta urtean behin elkartu behar ziren egun batzuetan maniobrak eta arma praktikak egiteko. Granadan Zawik gobernua eta zaingo handi bat mantentzen zuen. Habusi Jaengo kora barneko barruti bat eman zioten zaintzeko eta kadi baten ondoan agindu behar zuen. Berrehun gerlari zituen menpean eta Baezako alkaide bezala, gaztelutik Goi-Guadalquivirreko olibondo zonaldean segurtasuna mantendu behar zuen. Azenarik ondoko herri batean, Ubedan, gauza bera egin behar zuen bere lagunaren agindupean. Dorretxe batean biziko zen hogei gerlarirekin ingurua babesteko eta lur batzuk izango zituen kudeatzeko. Herrian errespetuz hartu zuten. Ingurua zaintzeko neurriak hartu zituen, armetan trebatzen aritzen zen zaintzan ez ziren gerlariekin eta noizbehinka joaten zen ehizatzera Habusekin. Udazken ederra pasa zuten baina Azenari urduri zegoen. Zanarekin oroitzen zen. Neska, Zawiren menpeko kapitain batekin zegoen ezkonduta eta berak ezin zuen beste emakume batengan pentsatu. Okerrena, dena den, Baskonia eta bere familia faltan izatea zen. Ongi pentsatu ondoren Habusengana jo zuen goiz batean. Igandea zen eta ehiza egiteko geldituak ziren aurreko egunetan. Ubeda eta Baeza arteko mendialdean zeuden. Azenari zaldian eta mando gainean morroi baten laguntzaz abiatu zen goizerako ordu bat falta zenean. Ia inoren testigantzarik gabe hitz egin nahi zuen Azenarik. Ia hitzik egin gabe, morroiak bidali zituzten beste puntu batetik orein ederren bat haiengana bidaltzeko eta zain zeuden bitartean mintzatzen hasi ziren. Habusek galdetu zion nahiko zakar. –Zer duzu Azenari? Azken aldian burumakur ibiltzen zara –Azenarik espero zuen galdera eta argi eta garbi erantzun zion. –Sentitzen dut, Habus. Ezin naiz hemen geratu. Baskoniara edo familiaren ondora joan behar dut. Zuei eskertu behar dizuet niregatik egin duzuen guztia, nola tratatu nauzuen... Zu anaia baino gehiago zara niretzat, inoiz izan dudan lagunik handiena. Baina, nire espiritua ez dago hemen. –Espero nuen antzeko zerbait. Nire ondo-ondoan nahi zintudan, baina Zawik tenentzia propioa ematea aholkatu zidan. Ba al dago zu gurekin geratzeko egin ahal dudan zerbait? Ezin duzu Zana ahaztu? –Ez. Ezin dut ahaztu. Eta arrazoi duzu. Ezin zara hobeki portatu, ezinezkoa baita. Habus, Baskoniara joan behar dut negua heldu baino lehen. Oso gogorra egingo zait zugandik aparte ibiltzea, baina mesedez, utzi joaten oztoporik jarri gabe. –Aspaldi dakit joango zinela. Ez nuen nahi eta ahal duguna egin dugu alferrik. Esadazu zerbait behar baduzu. –Bi lagunek besarkatu zuten elkar eta momentu onak oroitzen aritu ziren denbora batean. Oreinaren etorrerarekin prestatu ziren arte. Bien geziek jo zuten orein ar zaharra. Zaldiz jarraitu behar izan zuten zaurituta eginda ere. Kilometro gutxitara harrapatu zuten beti begi-bistan izanik. Morroiak bueltan bidali zituzten eta bazkaltzera gelditu ziren haiek. Arratsaldea elkarrekin pasa zuten agurra aurreratuz. Hurrengo egunetan eraman nahi zituen gauza guztiak prestatu eta Habusen laguntzarekin Granadara abiatu zen Zawirengandik despeditzeko. Granadan, lehen baino jende gehiago bizi zen, batzuk urrutitik joanak. Etxe berriak, dendak, elizak, meskitak eta sinagogak eraikitzen ari ziren. Al-Hamra-ko alkazarra kanpotik eraikita bazegoen ere, kuartelak, dorreak eta gobernu-jauregia orduko bukatu gabe zeuden. Azenarik, lehen al-Zahran eta orduan Granadan pilatuta zituen milaka liburu gordetzen jarraitzeko esan zien Zawi eta Habusi. Ez zekien aurrerantzean zerbait egingo zuen eta lagunari liburutegi eta ikastetxe batean erabiltzeko eskatu zion. Dena den, milaka batzuk argizaritutako paketeetan gorde zituen hornitegi batean, hurrengo batean hartzekotan. Balio handikoak ziren berez. Hala ere, Azenerik momentuz aski izango zuen filosofia, zientziak eta literaturako lan aukeratu gutxi batzuek, bostehun bat liburu eramatearekin. Gustukoak zituen arabiar letrak eta kultura eta horiek bere denbora-pasa ia pertsonalak bihurtuko ziren. Konpondu behar zuen beste arazo bat, zeukan urrea eramatea izango zen. Handik bi egunera Zaragoza eta goi-markara abiatuko zen karabanan joango zen beste merkatari bat bezala, mando batzuetan zamak eramanez. Eskolta bezala lau gerlari sanhayar eramango zituen morroien papera eginen zutenak. Baskoniara joan baino lehenago ospatu zuten afarian ziritarrek bromaz aparte beren adiskidetasuna erakutsi zioten. –Ez duzu negozio txarra egingo. Pergaminozko eta paperezko liburuak utziko dizkiguzu eta urrezko txanponak eraman –aipatu zuen algaraka Osirisek. Habusek ez zuen alaitasun gehiegirik adierazi, bere buruan Azenarik laguntasuna eraman eta tristezia utziko baitzion. Azenarik ere, bitartean, bere lagunaren antzera baina aldrebes egingo zuela pentsatzen zuen. Madjlisean, saloi eta harrera gela handiko txoko batean musikari batzuk ari ziren txirimia, gaita eta danborrariekin musika apalki jotzen. Bitartean, afaldu ondoren, gizonak pastelak eta frutak dastatu eta ardo gozoa edaten ari ziren. Zawik seriotasun puntu bat sartu zuen solasaldian. –Baduzu urrea zeramika piezetan disimulatuta, baita konfiantzazko gerlariak, Kenan buru izanik, seguru bidaiatzeko. Hala ere, Baskonian nola egongo zaren ez dakizu. Badakizu, gauzak gaizki ateraz gero, gure artean leku bat duzula. –Bai badakit. Eta zuek badakizue behar banauzue etorriko naizela. Nire bizitokia jakin bezain pronto bidaliko dizuet mezua –Habusek galdetu zion orduan non biziko zen. –Ez naiz ziur. Ez dakit Iruñean lekurik izango dudan. Uste dut Uhartetik hurbilegi dagoela. Faltzesen edo mugako gotorlekuren batean izango naiz ziur aski. –Eskerrak Elvirako kora eta Baskonia urrun daudela eta ez dugula borrokarik egin beharko. Oso gerlari trebea eta kapitain bikaina baitzara Azenari –bota zuen umoretsu Jonay-k, gerra kapitaina zenak. Pixkana, edariaren laguntzaz gero eta animatuago kantatzen eta txaloka hasi ziren musikari kasu eginez. Hurrengo egunean, abiatzekotan, lagunduko zioten sanhayarrak mandoekin eta ziritarrek beraiek hazitarako hiru zaldi ederrekin agertu ziren. Habusek aurretik ezer esan gabe oparitu egin zizkion Azenariri: zuri, beltz eta zaldi gaztainkara bana. Azenarik eskertu zion lagunari ziritarren zaldi alerik onenak oparitu izana. Zaldi haiekin beti gogoratuko zuen laguna. Azenarik bazekien zaldi zuri eder hura Habusek berak hezi zuela azken hilabetean. Bele ere hezita zegoen eta Gaztaina gazteegia zen horretarako. Hasieratik konturatu gabe jarri zizkien izenak: Tximista, Bele eta Gaztaina. Tximistak zilarrezko uhaleriak zituenez, haren gainera igo zen Azenari lagunaren azken keinuarengatik hunkituta. Dena prestatuta zegoenez, Azenarik azkar agurtu zituen Zawi, Salma eta Habus. Zana ez zen agertu. Besarkatu ondoren, negar malkotan urrutiratu zen Azenari, berdintsu ari ziren bi gazteengandik. Zawik Azenariren etorkizuna segurua ez zela pentsatu zuen. Honekin batera erremedioa balitz bezala luzatu zion azken abisua. –Kontuz ibili. Nahi baduzu gerlari gehiago eraman ahal duzu –Azenarik ezin izan zuen erantzun. Burua itzuli gabe eskua gorantz altxatu zuen azken agur gisa. 34 - Al-Andalusetik etxera itzuli. Merkatarien karabana bide onenetatik pasatzen zenez, gehien bat gurdiz osatuta zegoen. Kordoba ondotik, Toledo, Guadalajara eta Medinacelitik pasako ziren eta Zaragoza zuen helburua. Arazorik gabe egin zuten Guadalajararaino. Hogeita hamar bat gurdi, ehun mando baino gehiago eta berrogeita hamar gizon geratzen ziren gauero karabansarretan. Beste hogei gizonek babesten zuten karabana. Guadalajarako karabansarrean ziren. Gaztea zeruari begira geratu zen besteak afaldu eta ohera joan zirenean. Kenan, loak hartzen ez zuenez, harengana hurbildu zen laguntzera. –Ez al duzu logalerik ala? Kezkati ikusten zaitut. –Bai, Kenan. Zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta arazo gehiago ikusten dut Baskonian bizitzeko. Maite ditudanekin egon nahi dut, baina ez dut osaba Semeno jasango. Badakit nire kontra egingo duela eta oraindik okerrago, badakit gutxirengatik lelokeriaren bat egingo dudala: akabatu nahi izango dudala. Uharten nire anaia txikiak agintzen du orain, baina osaba hori agintari militarren artean dabil eta mugako gazteluetan, Naxera eta Iruñetik pasatzen da askotan. Hobe dut leku hurbil batean bizitzea. –Kalahorran bizi nahi al duzu? –Ez. Kalagorrian gure etsai musulmanak daude. Baskoniatik gertuko Gaztelako leku bat bilatuko nuke. Noizean behin senideak eta lagunak bisitatzen ahalko ditut. –Orduan orain Gaztelara joango al gara? –Bai. Esango dugu zeramika Atienzara eraman behar dugula. Karabanako buruari Jaloneraino joango ginela esan nion eta Atienzarako bidea erreka hori baino kilometro batzuk lehenago dago. Atienza aldean lurperatuko dugu urre gehiena eta ni agertuko naiz Gaztelako muga-gaztelu batean, bakarrik. –Ez dut gaizki ikusten zure plana, baina ager zaitez gutako batzuekin. Jaun bat zara eta ez zaldun arrunt bat. –Ikusiko dugu. Agian hobe da zu eta mutilen batekin agertzea, berehala itzuliko zarete, hala ere. Bizitza berri bat egingo duena ni neu naiz. Bihar Siguenzara helduko gara. Etzi karabana utziko dugu eta Atienzaraino jarraituko dugu bakarrik. –Ongi da. Logale naiz. Ondo lo egin. Azenari, zaldiak, mandoak eta lau sanhayarrak Siguenzan geratu ziren beren negozioa mendialdeko inguru hartan egin behar izan balute bezala. Zeramika eskari hura Atienzara eraman behar zutela esana zuten. Mendialdera abiatu ziren hurrengo egunean. Egun osoan ibili ziren eta Atienzatik hurbil zirenean iparraldeko bidea hartu zuten Alcolea izeneko herri aldera. Iluntzean bide bazterrean kanpatu zuten surik piztu gabe. Hurrengo egunean mando guztiak lotu zituzten bata bestearen atzetik eta apoak, kaskoak, zapi batzuekin inguratu zituzten arrastorik ez uzteko. Azenarik animalien gorotzak jasoko zituzten zakuak paratu zizkien mando-zaldiei. Gerlariei zapi beltz bana ipini zien begiak estaltzeko zien. Azenarik gidatu zituen zaldiak, mandoak eta gerlariak mendixkaz inguratutako bailara berdintsu haietatik. Lehenengo zuloa egingo zuten lekura helduta, zapiak kenarazi zizkien eta altxorraren zati bat lurperatu zuten, zaku batzuetan sobratutako lurra gordez. Berdin egin zuten beste bi lekutan, tartean begiak estalita eta mandotik helduta ibiliz. Egun iluna zen eta ezin izan zuten asmatu eguzkiagatik hartu zuten norabidea. Beranduago, euri asko egin zuenez arrasto asko ezabatuko zen. Neurri haiek mesfidantzaz baino prebentzioz hartu zituen Azenarik. Egun batean pixka bat edan ondoren haietako batek kontatzen ahal zuen altxorraren istorioa eta agian behartuko zuten altxorraren kokapena kontatzera. Horrela ez zuten arriskurik izango. Azkenik, Alcoleara hurbildu zirenean txanoak kendu zizkien. Merkatari batek bere morroiekin gaua pasatzeko eskatuko zuen ostatuan, mandoen gainean zeramikak, liburuak eta zaku batzuk zituztenak. Inork ez zuen sumatuko zakutan lurra baino ez zela izango. Euri asko bota zuen gauean eta goizean hegoaldera kilometro batzuk egin ondoren, leku ezkutuan kanpatu zuten, Azenarik utzitako arrastoren bat goizean goiz ezabatzeko. Hurrengo egunean bi sanhayar itzuliko zirela esan zienean ez zuten onartu. Laurek batera itzuli nahi zuten Granadara. Azenari, Kenan eta beste gerlari bat ezkutari bezala hiru zalditan eta beste biak morroi paperean mando gainean eta arrazako zaldietatik tiraka iparraldera bueltatu ziren muga aldera. Atienza hiri txikian ordu gutxitan saldu zituzten zeramikak . Hurrengo egunean Gormaz ikusi zuten urrunean eta kilometro batzuk gehiago egin zituztenean Osman sartuko ziren. Sancho Garciak, Gaztelako kondea, Kordoban hiru urte lehenago Wadih eta al-Mahdirekin negoziatuz lortu zituen Osma muga-herria eta gaztelua, Clunia eta beste gaztelu batzuk ere bai. Azenarik, hamaika urte lehenago ezagutu zuen Osma, Donemiliagan esklabo hartu zutenean. Lehenengo liburuak kontatzen du penintsulako erresumen historia XI. Mendearen hasieran. Azenari Enekones, mutiko eta gero gazte baten begietatik, baina ikuspegi zabalez Almanzor garaian eta ondoren Baskonian, al-Andalusen eta Gaztelan gertatu ziren gorabeherak kontatzen dira. Azenari Enekones noble baskoiak bere eta ingurukoen bizitza kontatuko digu. Pertsonaia historiokoak agertzen dira: Almanzor, Zawi ben Ziri, Abd al-Malik, Hisham II.a, al-Madih, Sulaiman al-Mustain, Gaztelako Sancho Garcia, Baskoniako Antso Gartzes Nagusia erregea, Naiarako Garzia eta pertsonaia pila bat, baina baita gehiago ere, zeren errege eta nobleez gain, herritarren bizitza ere agertzen da. Gerlari, merkatari, nekazari, artisau, konkubina, jakintsu, neskame, zerbitzari, esklabo eta abenturazaleen bizipenak agertuko zaizkigu. Lehenengo liburu honetan, Uharte, Iruñea eta Errioxatik ibili ondoren, besteak beste Kordoba, Afrika eta Granada ezagutuko ditugu, azkenik Gaztelara itzultzeko. Jendarte kristaua eta musulmanena ezagutzeko aukera izanen dugu, baita erlijio desberdinetako pentsaerak ere. Hurrengo liburuetan Azenari heldu bat azalduko da beste pertsonaia askoren aurkezpena egiteko. Hala ere, hurrengo beste bi liburuetan luzatuko da garai hartako bizitzari buruzko kontakizuna. Gaztela, Leon eta Baskoniako historian murgildu nahi izan dugu Nafarroako historian hain garrantzitsuak izan diren Antso Gartzes Nagusiaren erregetza eta erresumaren banaketaren auzian murgildu nahian. Idazleak Naiarako Garzia eta Gaztelako Fernandoren arteko gatazka eta ondoren gertatu zena ulertu nahiak eramanda, garai hartako egoera eraikitzen saiatu da, Nafarroako erresumaren bilakaera ulertzeko helburuz. AURKIBIDEA 1 - Alfa eta omega. 2 - Aurrekariak. Razzia bat musulmanen lurretan. 3 - Mugako hiri batean elkartu ziren noble borrokazaleak. 4 - Garazi belar-sendagilea. 5 - Udako kanpainaren ondorioak. 6 - Uharteko jaun Enekoren egitekoak. 7 - Noblezia eta erregea. 8 - Uharten. Gerra prestaketak. 9 - Gerrarako prestaketak. 10 - Errotik Gaztelara. 11 - Ezkarai. 12 - Peñacervera. 13 - Peñacervera ondoren. 14 - Ekaitzaren ondoren... heriotza. 15 - Donemiliaga. 16 - Al-Andalus. Kordobara bidean. 17 - Kordoba hiria. 18 - Kordoba inguruak. 19 - Kordobako jakinduria. 20 - Emakume tamazigak. 21 - Salma, Zana eta Miriam. 22 - Abd al-Maliken kontrako altxamendua. 23 - Fitna. 24 - 1009ko urtarrilatik ekainera Sanchul eta al-Mahdi. 25 - Sanhayarrek erasoa aurrikusi eta auzoa utzi. 26 - Lubakia. 27 - Gaztelauak. 28 - Baskoniako enbaxada eta Almeriara egindako bidaia. 29 - Afrika. 30 - Takrur erresuma. 31 - Ghana. 32 - Afrikatik al-Andaluserako itzulia. 33 - Sulayman al-Mustain-en bertuteak eta akatsak. 34 - Al-Andalusetik etxera itzuli.
booktegi.eus Julene Azpeitia lehiaketa Bilduma honetan dauden ipuinak Durangoko Julene Azpeitia lehiaketak sarituak dira.Ilustrazioak: Imanol Larrinaga Merezi al du? IPUINAK AURKIBIDEA Pasabide misteriotsua 6 Mikel Agirre Maskariano 6 Merezi al du? 10 Nerea Aizpurua Iglesias 10 Ziortza txerria 15 Gontzal Alkorta Garai 15 Monjak 17 Gontzal Alkorta Garai 17 Ume susmagarria 21 Janire Arrillaga 21 Aitona eta nire arteko sekretuak 24 Libe Atxotegi 24 Eguneroko ezberdinak 29 Maitane Beobide 29 Ez! 34 Olaya Gonzalez Etxegibel 34 Gizon baten ametsa izana naiz 39 Iasmina Gorroño Larrinaga 39 Eskubero eta kiskalesku 43 Liber Sologaistua 43 Pasabide misteriotsua Mikel Agirre Maskariano Bazen behin Nikolas deituriko gizon bat. Nikolas oso jatorra zen. Ile beltza zuen eta garaia eta sendoa zen. Nikolasek museo baten egiten zuen lan, garbitzaile bezala. Museoa Thomas Vienndrich deitzen zen, Birminghameko black Vialean zegoen. Behin bere koadrorik gustukoena garbitzen joan zenean zarata gogor eta luze bat entzun zuen. Zarata zetorren lekurantz abiatu zen. Zaldi baten irudia zuen koadro batek egiten zuen. Orduan Nikolasek koadroa mugitzea erabaki zuen. Koadroa mugitu eta ez zegoen ezer. Horma besterik ez. Bertan behera utzi zuen zarataren misterioa eta garbitzen jarraitu zuen. Baina, berriro ere, zarata entzun zuen, lehen baino gogorrago gainera. Haserreturik, Nikolas zarata zer zen jakitera joan zen. Makila bat hartu, koadroa mugitu eta horma behera bota zuen. Orduan museoko polizia Nikolasengana joan zen. Zer gertatzen zen galdetu zion. Nikolasek misterioa azaldu zion eta museoko polizia barrezka hasi zen. Baina, une horretan berriro entzun zen zarata, beraien belarrien ondo ondoan gainera. Poliziak sinetsi egin zuen Nikolasek esandakoa, eta biak hasi ziren horma botatzen. Bat batean zabalgune bat aurkitu zuten. Lehenik polizia sartu zen eta Nikolasek jarraitu egin zion. Pasabide luze eta estu bat zen. Ia sartu ere ezin ziren egin. Aurrera jarraitu zuten biek, oztopo bat aurkitu arte: pasabidea bitan zatitzen zen. Biek ezkerreko pasabidetik joatea erabaki zuten. Estuena zen, baina poliziak esan zuen bide egokia handik zegoela, eta Nikolasek jaramon egin zion. Pasabidea ez zela amaitzen zirudien, baina gure bi lagunek ez zuten etsi eta aurrera jarraitu zuten. Pasabidea gero eta estuagoa zen eta makurtuta joan behar izan zuten. Une horretan polizia goranzko beste pasabide bat zegoela konturatu zen, eta gorantz jo zuen. Nikolasek bera ezin zela igo esan zion poliziari, eta aurrera jarraitu zuen berak bakarrik. Polizia gora igo zenean ganbara bat eta eskailera batzuk zeudela ikusi zuen. Aldi berean, Nikolas beheruntz zegoen pasabide batetik erori eta liburutegi handi batera iritsi zen. Beste alde batetik polizia eskailerak igo eta igo zebilen. Azkenean laborategi batera iritsi eta arrastorik utzi barik hil zen. Esaten dute norbaitek injekzio batekin hil zuela. Bien bitartean Nikolas liburutegian zegoen. Liburutegia argi erreflektantez beterik zegoen. Nikolasek argiak jarraitu zituen. Orduan norbaitek eskutik heldu eta berari jarraitzeko esan zion. Nikolasek kasu egin zion, baina ez zen ideia ona izan, labain batez zauri handi egin ziolako eskuan. Nikolasek eskua ikusi eta korrika hasi zen. Orduan, konturatu barik, pasabide batetik erori zen. Pasabidearen beste aldean pertsona bat zegoen beste aldera begira, labaina zuen pertsona zahar bat zen. Buelta eman zuenean Nikolas ihesi joan zen norabide tinko barik. Agureak barre egin zuen. Nikolas asko urrundu zen agureagandik, baina atzerantz begira zihoala, bat batean, bere aurrean sorgin zahar et itsusi bat ikusi eta berehala beste alderantz egin zuen buelta, baina beranduegi zen, agurea bere atzean baitzegoen. Agureak esku zauritutik heldu zuen Nikolas. Orduan bere lagun polizia hil zuten laborategira eraman zuten Nikolas, eta aulki elektrikoan jarri zuten, baina Nikolasek bazekien ez zegoela argirik. Bat batean, argia piztu zuen eta Nikolas urduritzen hasi zen. Nikolasek kablea hanketan zeukan, baina hala eta guzti ezin zuen argia itzali. Agurea palanka jaistera zihoanean argia joan egin zen eta Nikolasek burdinak apurtu eta, agureak eta sorginak ikusi gabe, ihes egin zuen. Nikolas oso larri zegoen, beldurrez gainezka. Atzerantz begira zihoan. Poliziak igo zuen pasabidetik jausi eta atzerantz bueltatu zen. Pasabidea hasten zen lekuan jende ugari, anbulantziak, poliziak... zeuden. Nikolasek zulo hori berehala estaltzeko agindua eman zuen eta, une horretan, anbulantzian igo eta ospitalera eraman zuten eskua ikusteko. Nikolasek hiru hilabete eman zituen ospitalean. Gero komisariara eraman zuten zer pasatu zen galdetzeko. Nikolasek dena kontatu zuen, baina ez zioten sinetsi eta kartzelara bidali zuten poliziaren hilketa leporatuta. Merezi al du? Nerea Aizpurua Iglesias 1998an gertatzen da istorio hau, zehatzago esanda urtarrilaren zortziko arratsalde eguzkitsu batean. Istorio honetako protagonistak, Patrik du izena baina bere “lagunek” Peli deitzen diote. Hitz gutxitan azalduko dizuet nolakoa den: Aurpegiz liraina baina izaeraz zakarra. Oso harroputza da eta besteetaz barrez ibiltzen da egun osoan, ia ez du lagunik, baina berari hori ez dio axola. Txikitako bi lagun ditu bakarrik, Andoni eta Imanol. Orain hasiko nahiz arratsalde horretan gertatu zena azaltzen. Bazkaltzen ari ziren bitartean, Andonik eta Imanolek, mendira bidaia bat egitea pentsatu zuten. Arratsalde hartan joatea proposatu zuen Imanolek, eta horrela egin zuten, bazkaltzen bukatu eta martxan jarri ziren mendiari bisita bat egiteko. Oso pozik zihoazen hirurok autoan kantatuz, baina bat-batean Peliri, (hau baitzen gidatzen zegoena), bolanteak buelta osoa eman eta errepidetik atera ziren. Autoa basoan barrena zihoan, eta zuhaitz baten kontra jo zuenean gelditu zen. Imanolek eta Andonik ez zuten kolpe handirik hartu, ondo zeuden, baina Peli oso larri zegoen. Imanolek mugikorra hartu eta larrialdietara deitu zuen. Ospitalean zeuden hirurok. Imanol eta Andoni koilarin batekin. Peli arriskutik kanpo zegoen baina aurpegia deformatuta zeukan: ia ez da pertsona liraina. Etxera bueltan, Pelik esaten die bere lagunei: - Aizue, nik ez nuen bolantea ukitu ... - Eta horrekin zer esan nahi duzu? - esaten du Imanolek. - Ba, gure istripua ez dela gura barik izan, nik uste, norbaitek eragin duela. Gau hartan, Peli lo zegoen bitartean, Laga hondartzako itsasgizon batek berba egin zion. Berak amets bat zela pentsatu zuen baina segituan konturatu zen ez zela horrela. Bere bi lagunei deitu zien beldurtuta zegoelako. Hirurak zeuden jadanik Peliren etxean, eta itsasgizonak Peliri hitz egiten hasi zitzaion: - Mutiko azkarra zu, e...?. - Bai, badakit azkarra naizela. - Eta orduan jakingo duzu, zuk edukitako istripua ez dela kasualitatez izan ezta? - Ba nik uste ezetz. - Ba egia da, nik eragin dut istripu hori, jakin dezazun ez duzula besteen kabuz edo itxuragatik barre egin behar. Nahi baduzu zerbait egin dezaket zure izaera eta itxura aldatzeko. - Bai?, baina zer? - Hamabost txirla mota desberdin aurkitu beharko dituzu zure izaera aldatzeko, eta hamazortzi zure itxura aldatzeko. Ez pentsa hain erreza denik, urteak eta urteak emango dituzu txirla horien bila, pentsa, zure bizitza osoa alegia. Aurkituko dituzun lehenengo hamabost txirlek zure izaera aldatuko dute eta besteek itxura. Onartzen ahal duzu? - Ez badago beste erremediorik... onartzen dut. - A!, ahaztu baino lehen: bidaia hau, zuk bakarrik egin beharko duzu, inoren laguntzarik gabe. Lehenengo hamabost txirla dituzunean, Lagako arroketan utzi, itsasaldiak niri ekarriko dizkidalako, eta orduan beteko dut zin egin dizudana. Konforme? - Ongi da. - Beno, zorte ona izan. Hemendik aurrera hazten da zure bidaia!. Hemen uzten dizut txirla mota desberdinen papera, edonon aurki ditzakezu. Peli oso urduri dago. Urte bete igaro da jadanik Itsasgizona bere etxean agertu zenetik eta hiru txirla bakarrik aurkitu ditu: bere ohe azpian, Benidormen eta Mañariko harrobietan. Oraindik hamabi geratzen zaizkio, etsita dago Peli. Peliri hau gertatu zitzaionean, hogeita bat urte zituen eta hogeita hamasei ditu orain, txirla bat bakarrik geratzen zaio!, korala motakoa. Ezetz jakin non aurkitu zuen azkena?, bere etxean!, txikitan egindako “La Arboledara” bidaiakoa. Arroketan ezkutatuta aurkitu zuen eta poltsikora sartu zuen oroigarritzat, bere gela txukuntzen ari zela aurkitu zuen. Pena eman zion koral horren jabea izateari uztea, baina ondorioak hobeagoak izango zirela pentsatu zuen. Arratsalde hartan joan zen txirla guztiekin Lagako arroketara, eta han utzi zituen, itsasaldiak eraman zituen arte. Bat-batean, Peli, pertsona jatorra eta ona bihurtu zen. Gogo handia zuen lagunak egiteko eta bere bi lagunekin egoteko. Lagun asko eta onak egin zituen Pelik, eta konturatu zen, itxura ez dela izaera bezain garrantzitsua, eta erabaki bat hartu zuen: bidaiarekin ez jarraitzea, bertan bera uztea. Konturatu zen hogeita bat urtetik hogeita hamasei urtera, bere bizitzako momentu asko galdu zituela eta orain aprobetxatu nahi zituela bere lagunekin. Orain ez dio garrantzia asko ematen kanpoko itxurari, jendeak, den moduan maitatzen duelako, eta pertsona liraina izango bazen, izaera aldatuko zuen berriro. Lagako hondartzara joan zen Peli, Itsasgizonari berria ematera. - Ziur zaude mutiko? - Bai, oso ziur nago. Orain nire bizitza aprobetxatu behar dut, urte asko galdu baititut. Horrela geratzea pentsatu dut, kanpotik itsusia baina barrutik jatorra. - Oso ondo iruditzen zait zure erabakia, eta horregatik, opari bat emango dizut: - Zein? - Zuk txikitan, “La Arboledan “ aurkitutako korala. - Zelan dakizu “La Arboledan” aurkitu nuela? - Mutiko, tontoa naizela uste duzu? Tira, hartu zure korala eta segi, merezi duzu eta. - Ea ikusten garen hondartzetan. - Trankil, zeinu bat egingo dizut. Beno, joan beharra daukat. Agur!. - Bai, agur! Azkenean, Pelik zoriontsu gozatu zuen bizitza bere inguruan zituen lagunekin, eta ikasi zuen, bai, ez zuela besteetaz barre egin behar... Ziortza txerria Gontzal Alkorta Garai Bazen behin Zerriporki izena zuen herria. Familia hauek osatzen zuten: Ziortza, Esotzi, Txirrimirri eta Kaskamirri. Ziortza oso triste zegoen ez zuelako lurra ezagutzen eta Txirrimirriri galdetu zion nolakoa zen. Arratsaldean bere familiari esan zion eta ondo hartu zuten gurasoek. Bi astetara planetara iritsi zen eta txizepozo batera jauzi zen kotxez. - Non nago ni? –esan zuen txerritxoak. Han lau txerritxo zeuden, eta esan zioten txizepozo batean zegoela, baina berak ez zekien zer zen. Hortik bi astetara Miamira iritsi zen. Bertan mutil bat ezagutu zuen, Pako zuena izena. Pako oso atsegina zen, batez ere Ziortzarekin. Ziortza handik bost egunera Pariseko txerri dantzaldira joan zen, eta dantzan hasi zen Mimiko txerriarekin. Bera maitemindu egin zen eta honek esan zion: - Nahi ahal duzu nirekin ezkondu? - Gog, gog, bai noski. Mimikok etxera eraman zuen Ziortza, bere familia ezagutzera; baina Ziortzari ez zitzaion gustatu. - Banoa hemendik! –esan zuen garrasika. - Baina, Ziortza, ez nauzu bakarri utziko, ezta? - Bai, utziko zaitut. - Ez, mesedez - Banoa hemendik. Ziortza, isil-isilik kotxea hartu, eta, Mongoliara joan zen. Hantxe San Martin eguna zen eta jende guztia Ziortzaren atzetik joan zen bera jateko. Baina animalia honek garraioa hartu eta Errusiako gaztelu batetara ailegatu zen. - Nolako gaztelu polita! –esan zuen ederrarena eginez. Bat-batean gazteluko atea ireki eta Jainkoa agertu zen. - Pasa zaitez txerritxo! –esan zuen Jainkoak alai. - Ongi da, banoa –esan zuen ilusioz. Ziortza gazteluko logelarik politenera joan zen. Bitartean Jainkoa pentsakor zebilen bere logelan ez baitzekien zer egin animalia horrekin. - Badakit, txerria harategira eramango dut. - Zer esan duzu? - Ezer ez. Txerriak hortik aldegin zuen goiz batean eta bere lurraldera itzuli zen. - Ama, hemen nago. - Badakit hemen zaudela jolasean –esan zuen barrezka. Txerritxoak jakin izan zuen amets bat zela eta pozik jarri zen. - Esotzi, mesedez, ez joan lurra ezagutzera, agian suerte txarra emango dizu – esan zuen penaz. Hortik aurrera familia pozik eta alai bizi izan zen. Monjak Gontzal Alkorta Garai Orain dela urte batzuk Durangoko San Antonio Komentuan 110 monja bizi ziren. Baina hortik bi oso desberdinak ziren besteen artean: Sor Maria Teresa eta Sor Maria Eugenia ziren. Ez zitzaien gustatzen komentuan egotea. Zazpiak ziren eta errezatzeko ordua heldu zen: - Gure aita zeruetan zarana... Amen - abestu zuten monjek. Baina bat batean bi lapur sartu ziren komentuan eskopetekin Jordi Pujol buruzagia zelarik: - Mesedez, altxa eskuak! - esan zuen Jordik. Orduan monjek lapurrek esan zutena egin zuten. Baina Sor Maria Teresak eta Sor Maria Eugenia korrika hasi ziren ertzainei deitzeko. Baina bigarren lapurra, Paloke deiturikoa, tiroka hasi zen. Orduan bi monjak hil egin ziren. Hil ondoren espiritu bihurtu zirela konturatu ziren eta bat batean, argi bat ikusi zuten urrutian eta argiari jarraitzen hasi ziren itsu. Heldu zirenean argiaren amaierara, kartel batean ipintzen zuen: Foka-monje monja arraroen herria. Monjak elkarri begira hasi ziren. - Baina zer izango da hau - esan zuen Eugeniak. - Guri gustatuko zaigun herria - erantzun zion Teresak. Biak herrira sartu ziren eta hotel bat ikusi zuten eta han hartu zuten ostatu. - E, monster, zer nahi duzu? - galdetu zion hoteleko buruak. - Isil zaitez aho itsusi hori - esan zuten bi monjek. - Hemen beti, palabrotak esaten dira eta gauza txarrak egiten. Hobeto esanda monjen jarreraren alderantzizkoa - esan zion hoteleko buruak. - Txomin, sartu - esan zuen zerbitzariak. - Isil zaitez - esan zion Teresak. - A zelako neska txotxiak - esan zuen zerbitzariak. - Ai, a zelako mutil katxarroak - esan zuten biek ahopean. Hoteletik, diskoteka batera joan ziren monjak zerbitzariak eramanda. Ailegatu zirenean, kartel bat jartzen zuen esanez: 5 ordu dauzkazue lurrera iristeko, baina Jainkoarengana joan behar zarete eta giltza lapurtu, baina kontuz esklabo arriskutsuak ditu bidean eta. Orduan biak korrikan hasi ziren. Aldegin zuten diskotekatik. Baina urrunean gizon bat aurkitu zuten. - Jainkoaren etxea non dago? - galdetu zion Eugeniak. - Dena zuzen joaten bazara han aurkituko duzu - esan zuen gizonak. - Eskerrik asko - esan zuten bi monjek. - Itxaron, bere aurka eta esklaboen aurka borrokatzeko hartu poltsa eta mapa hau - esan zion gizonak. - Eskerrik asko - esan zion Eugeniak. - Ez da ezergatik - erantzun zion gizonak. Eta hirurak agurtu egin ziren. Hortik 45 minutura: - Ez zait bat ere gustatzen toki hau - esan zuen Eugeniak. - Niri ere ez - esan zuen beste monjak. - Gizonak mapa bat eman al dizu? - galdetu zion Teresak. - Bai -erantzun zion Eugeniak. - Begira ezazu - esan zion Teresak. - Bide zuzenetik goaz, baina harritzekoa, borobil beltz bat agertzen da - erantzuten dio Eugeniak. - Ea, erakutsi - esaten dio Teresak. - O, ez monja monster (azkarra) dagoela jartzen du - esaten dio Eugeniak. Bat-batean bera agertu zen. - Goazen hemendik, ikusi gaitu eta - esan zuen Teresak. - Ez, monster honi berea emango diogu eta - erantzun zion Eugeniak - Pentsa ezazue zuen agurraz, azkena da eta - esan zion monja monsterrek. Segituan sor Maria Teresak mapa ikusten du eta bere aurka poltsa batekin estaltzea ipintzen dio. Orduan sakutik poltsa bat hartu eta bere gainean ipini zion. Orduan indarra galdu eta hil egin zen.Gero biek aurrera jarraitu zuten. - Lurralde honek sorgindua dagoela dirudi - esan zuen Eugeniak. - Isil zaitez eta begira ezazu mapan - esan zion Teresak. - Tatxan, tatxan, hemen gaude - erantzun zion Eugeniak. - Zer jartzen du? - esan zion Teresari. - Monja atomikoa dagoela - Erantzun zion Eugeniak. - Ja, ja, ja, ja - esan zion barrez leherturik Teresak. - Ez egin barre, arriskutsua izan daiteke eta - erantzun zion Eugeniak. Orduan monja atomikoa azaldu zen esanez: ziztuan gora monja atomikoa. Eta Teresak mapa begiratzen du eta han ipintzen zion monja atomikoaren aurka ur sakratua berari botatzeko. Orduan poltsatik ur sakratua atera zuen. - Egin ezazu zerbait - esan zuen Teresak. - Zertan ari zarete? - galdetu zuen monja atomikoak. - Hurbiltzen bazara, ura botako dizugu - esaten dio Eugeniak garrasika. - Ja, ja, ja, ja, ez duzue pentsatuko uraz ni itotzea, ja, ja, ja, ja - esan zion Monsterrek. - Baina sakratua da - erantzuten dio Teresak. - Oh. Ez, sakratua - esan zuen atomikoak. Orduan Eugeniak ur sakratua bota zion eta segundo gutxira indarra galdu zuen. Azkenengoz Jainkoaren etxera heldu ziren eta giltza ikusi eta hartu egin zuten Jainkoa lo zegoelarik. Orduan biek giltza ikutu eta Galdakaoko ospitalean agertu ziren. Orduan haien gorputzetan sartu ziren eta 5 egun barru alta eman zien medikuak monjei. Geroztik monja ez izatea pentsatu zuten, eta horrela izan zen. Gero andre normal batzuk izan ziren eta hortik aurrera bi andreak pozik bizi izan ziren. Ume susmagarria Janire Arrillaga Bazen behin batean herri bat, urtean zehar milioika atzerritar jasotzen zituela. Espazioan bizi ziren estralurtar batzuei datu hauek oso interesgarriak iritzi zitzaizkien, eta pentsatu zuten hainbeste atzerritarrekin haiek lurrera joan ahalko zirela ondo mozorrotzen baziren. Haien helburua lurra menperatzea zen. Estralurtar hauek oso itxura arraroa zuten. Haien larruazalaren kolorea orlegia zen, hiru esku eta hiru hanka zituzten, begi oso handi eta irtenak eta oso garaiak eta meheak ziren. Misio honetarako hiru estralurtar aukeratu nahi zituzten. Azkenean haiek zituzten hiru gudaririk hoberenak aukeratu zituzten. Lurrera etorri baino lehen, estralurtarrak oso ondo prestatu behar izan zituzten. Oso ondo mozorrotu zituzten, inork ez konturatzeko beste planeta batetik etorri zirela. Joateko ordua heldu zenean planeta hartako estralurtar asko hurbildu ziren esperientzia berria bizian ikusi ahal izateko, baina haien galaxia bereko beste planeta batzuetako estralurtarrak ere hara joan ziren. Azkenean, lurrera heldu ziren. Orain, estralurtarren itxura desberdina zen, oraingo itxura geurea bezalakoa zen, gizakiena bezalakoa, baina estralurtar bakoitzak identitate desberdina zuen. Bik guraso itxura zuten (aita eta ama), eta bestea haien semea zela esan daiteke. Lurrean, bizitza arrunta egiten zuten, gurasoak lanera eta semea eskolara. Ume honek ez zuen lagunik, jendea oso arraroa zela esaten zuelako. Eskolako umeek esan zioten zuzendariari oso gauza arraroak egiten zituela, baina zuzendariak ez zuen ezer egin. Egun batean mutikoa lurrera jausi eta zauritu egin zen, baina mundu guztiak ikusi zuen bere odola orlegia zela. Berak ez zekien zer egin. Ikasle guztiak odola orlegia zela ikusterakoan urrundu egin zitzaizkion, irudi benetan nazkagarria zuelako. Jendea baxu-baxu hitz egiten hasi zen. Bat-batean hauxe entzun zen: “harrapatu eta hil munstroa”. Noski, umea bitan pentsatu gabe korrika hasi zen. Azkenean, zoritxarrez, harrapatu egin zuten bere gorputzarekin esperimentuak egiteko. Mutikoaren gurasoen bila hasi ziren; baina hauek zorte handiagoa izan zuten eta, justu-justu, ihes egitea lortu zuten. Ume gizajoa! Eta, nork dio orain unibertsoan bakarrik bizi garela? Aitona eta nire arteko sekretuak Libe Atxotegi Gelan nengoela, Xabier kontatzen hasi zitzaidan aurreko egunean telebistan eman zuten partidua eta andereñoa azaltzen zegoen eta biak hitz egiten ari ginen eta... harrapatu egin gintuen. Xabier ez zuen kalera botako, noski, baina ni bai. Ez da ezer berria ni gela kanpoan ikustea beti bainago kanpoko karrajoan norbait nire bila etorri arte eta esan arte: “Ane, barrura!”. Ni orduan gelara sartzen naiz eta nire lekuan esertzen naiz, ezer gertatu ez balitz bezala, baina uste dut andereñoak ez duela berdina uste, baina niri berdin zait. Ni ez naiz beste neskak bezalakoa, niri ez zaizkit gustatzen beste neskek jolasten dituzten jokoak, niri gehiago gustatzen zaizkit futbola eta beste kirol batzuk, neska gutxiri gustatzen zaizkienak. Nire lagunik onena ere ez da neska bat, mutil bat baizik, Xabier du izena eta munduko lagunik onena da. Xabier ez da oso guapoa, ile gorria du, aurpegia “peca”z beteta dauka, gorputz argal eta zuria dauka, baina lehen esan dudan bezala, munduko lagunik onena da. Nire etxean goizeko bederatzietatik gaueko zortzi t’erdiak arte ez da inor egoten. Eta batzuetan, aste betez edo egun batzuetan, etxea hutsik dago nire gurasoak enpresariak direlako eta bidai asko egiten dituztelako. Egun horiek ez dira oso onak jantokian bazkaltzen geratzen naizelako, baina beste alde batetik egunik onenak dira, aitonaren etxean lo egiten dudalako. Aitona bakarrik bizi da, amona orain dela urte asko hil zelako, kantzer batez. Nik ez nuen amona ezagutu ni jaio baino urte asko lehenago hil zelako; oso gazte hil zen. Hauek nire amaren gurasoak dira. Aitaren gurasoak udan eta gabonetan bakarrik ikusten ditut Argentinan bizi direlako. Beraiek ez dira hangoak baina asko gustatzen zaie Argentina, eta dirua dutenez eta jubilatuta daudenez, poz-pozik bizi dira amona Marga eta aitona Jose Mari. Baina nire aitonarik maiteena hemengoa da, nire gurasoak kanpoan daudenean bere etxera joaten naizena, hori aitona Patxi da. Aitonarekin bizitzea asko gustatuko litzaidake, nahi dudan guztia egiten uzten didalako. Goizean jaikitzeko ordua denean ohean esertzen da eta esaten dit: - Anetxo, laztana, ikastolara joateko ordua da. Eta gosaria ohera ekartzen dit: frutazko zuku bat, tostadak gurin eta mermeladarekin eta esne beroa txokolatezko gailetekin. Aitonak modu berezi batez esnatzen nau: izartzean beti pentsatzen dut zeruan ez dagoela lainorik eta eguzki handi-handi bat dagoela niri begira. Etxean aitak ezberdin esnatzen nau: - Ane, gora, berandu da!. Ez duzu ikusten berandu dela?. Eta niri kosta egiten bazait esnatzea aitak esaten dio amari: - Maite, ez duzu ikusten?. Ez dit kasurik egiten!. Neska hau... Orduan nire ama etortzen da eta izarak eta mantak kentzen dizkit eta esaten du: -Ane, gora! Aita jadanik haserretu da, ez duzu nahiko ni ere haserretzea, ezta?. Ikastolara berandu helduko zara eta gaur andereñoak berriz ere gelatik botatzen bazaitu, benetan haserretuko naiz, entzun?. Ni orduan altxatu egin behar izaten naiz, korrika jantzi eta gosaldu gabe ikastolara joan. Hori alde batetik nire errua da, baina aitonaren etxean nagoenean ez zait hori gertatzen aitonak askoz arinago izartzen nauelako. Horiek goizean gertatzen diren diferentziak besterik ez dira. Gurasoak nirekin daudenean, zoritxarrez, beraiekin bazkaltzen dut herriko jatetxe batean. Ni ez nago jatetxe batean bazkaltzearen kontra, baina nire gurasoekin bazkaltzearen kontra bai. Bazkarian mobila txirrinka dago denbora guztian eta hori ez zait gustatzen. Aitonaren etxean ez da inoiz horrelakorik gertatzen. Detaile txikiak izan arren badute beren garrantzia. Afaltzeko, aitonak berak egindako janari bereziak (txinatarrak edota errusiarrak jaten dituzten platerak) jartzen dizkit. Aitona oso sukaldari ona da eta gainera maitasunez egiten dit dena niri. Oheratzeko orduan esne beroa ekartzen dit eta bere gaztetako istorioak eta amona nolakoa zen kontatzen dit. Kontatu didanarengatik munduko amonarik politena eta irribarretsuena nuen. Irribarretsuena esaten dut, argazki guztietan irribarre handi batekin irteten zelako, bere hagin zuriak erakusten. Nire amonak ile iluna zuen eta begi handi eta berdeak zituen; noski, horrela topatuko zuen munduko gizonik onena. Nik uste dut oso pozik bizi zirela biak. Etxean amak ez du amonaz asko hitz egiten; normala da, asko sentitu zuen bere heriotza. Gainera aitonak esan bezala edade zail batean gertatu zen, amak 15-16 urte zituela. Aitonak esan dit edade horri nerabe aroa deitzen zaiola eta handia egiteko prestatzen zaudela, baina oraindik burua zerbait galduta ibiltzen dela. Ni oraindik ez naiz sartu nire bizitzaren zati horretan, urte batzuk falta zaizkit oraindik, baina heltzen naizenean arazoren bat badut aitona hor egongo da, ziur nago Eguneroko ezberdinak Maitane Beobide OLATZEN EGUNEROKOA 2001eko martxoak 16 Olatz naiz, 17 urte ditut. Eguneroko hau Mikelek oparitu dit, orain dela bi egun, gure lehen urtea bete dugu elkarrekin eta. Nolako kasualitatea!!! Amodioak edo... eragina. Nik ere bat erregalatu diot; espero dut bertan gure erlazioari buruzko kontuak eta gertakariak idaztea, neuk ere hori egingo dut eta... Ostiral hau benetan harrigarria izan da, klase aspergarri baten ondoren saskibaloiko entrenamendu gogor bat izan dut. Hala ere, pozik bukatu dut eguna, Mikelekin geratu bainaiz. Beti elkartzen garen tabernara joan naiz, Akiakulara. Bertan ikusi dut, espaloian jarrita, “Lucky” paketea eskuan zuela. Batzuetan leloa iruditzen zait!!! Euria ari zuen eta bera kanpoan, ni itxaroten. Busti-busti zegoen gizajoa! Paketetik zigarro bat atera eta eskaini egin dit, gauza garrantzitsu bat esan behar zuelakoan. Horrelako momentuetan ez dut erretzeko gogorik izaten. Akiakularen atzean dagoen lokal batera joan gara, bera eta bere lagunek duten musika taldeak entsaiatzeko duten lekura. Jonek, bere lagunik minenak, baxua jotzen du, Mikel primerako abeslaria da. Arnatzek teklatua jotzen du. Gariri, primeran ematen zaio gitarra, eta Alainek, berriz, bateria jotzen du. Taldearen izena, Anagrab da, eta musika heavya egiten dute. Lokaleko sofa zahar horietako batean eserita egon gara, eta musukatu ondoren, nirekin amodioa gustura egingo zuela esan du. Orain bai!!! Zigarroa hartu eta erretzeari ekin diot. Hau bukatzerakoan, baietza eman diot, baina nire kezka bakarra eta larriena non eta noiz egingo genuen izan da. Nire lehengo aldia denez, leku lasai batean egitea pentsatu dugu. Azkenean, lokaleko sofan egingo dugu, bihar, 9etan. Musu bat eman, eta etxerantz abiatu naiz, zerbait berria sentitzen nuelarik. 2001eko Martxoak 18 Atzo ez nuen idatzi, Mikelekin egon bainintzen. Gaur ere ez dut asko idatziko, berriro berarekin geratu bainaiz. Benetan zoragarria izan da!!! Heldu bezain laster sofa ohe bihurtu dugu. Ia hiru zigarro erre ditut 15 minututan. Gerritik ebatu eta sofaren kontra bota nau, ondoan jarri eta musukatu ondoren, gertatu behar zena gertatu da. Bat-batean txori kantak entzun ditugu, jadanik egunsentia zen eta joan beharra nuen. Musu bat eman eta gaur arratsalderako geratu gara. Etxera joan eta dutxatu ondoren, bazkaldu egin dut. Gero idazten hasi naiz. Idazteari utzi behar diot, oraindik jantzi gabe nagoelako eta ordu erdi barru, Akiakulara joan behar dudalako. Hamabiak dira eta Mikelekin orain arte egon naiz. Gure erlazioa moztu du. Oso triste nago, batez ere, amodioa bakarrik egiteko erabili nauelako izan dela uste dut. Ez dut inoiz gehiago egunkari honetan idatziko. MIKELEN EGUNEROKOA 2001eko Martxoak 16 Mikel naiz, 17 urte ditut. Nahiz eta hau idaztea lelokeria bat iruditu, idatzi beharra daukat, Olatzi zin egin baitiot. Olatz nire neska laguna da. Arratsaldean berarekin geratu naiz, nahi dudana lortu dut, bihar amodioa egingo dugu. Etxerantz etortzerakoan farmazian geratu, eta kondoi pakete bat erosi dut. Garestiak dira, benetan!! ! 2001eko Martxoak 18 Olatzek ikaragarria dela esan du, baina, niretzat 10 minututako gauza izan da, asteburu askotakoa bezalakoa. Arratsaldean, berarekiko erlazioa moztuko dut; ez zait asko gustatzen jadanik, eta ez nago gustura. Pena bat da, urte bete daramagu eta. Ez dut gehiago idatziko, Olatzen lelokerietako bat delako! Neskak eta beren erromantizismoa... Segur aski, berak hau kontatzeko hamar orrialde edo gehiago erabiliko zituen. Egia esanda, Olatz ez zait asko axola. Ez! Olaya Gonzalez Etxegibel - Yasminder, mesedez, etorriko zara hona? –amaren oihua entzun dut. Egongelatik etorri da soinua eta nire gelara iritsi arte ez da geratu. - Banoa ama! –gelatik irten naiz eta egongelara abiatu naiz- Zer nahi duzu? Etxea ez da oso handia, lau gela bakarrik dauzka, amaren logela, nirea, sukaldea eta egongela. Azkena da politena. Ez du leihorik, ez daukagu horren beste dirurik, baina kolore guztietako telak daude eskegita. Ez dago mahairik eta ama lurrean dago jesarrita, bere kontu koadernotxoa irakurtzen. Kuxin bakarra niretzako dago prestatuta. Arrosa da, eta kristaltxoak ditu alboetan. Berde koloreko hariak zuhaitz formako marrazkia egiten du. Hantxe jesarri naiz, hankak gurutzatuz. - Ama? –galdetzen diot- Zergatik deitu didazu? Amak begiak altxatu ditu bere koadernotxotik eta niri begiratu dit. Bere begi berdeak nireak bezalakoak dira, baina bereak ez dute bizitzarren distirarik. Ahoa zabaldu du eta bere hortz horiak ikusi ditut. Itxi egin du, dudan balego bezala. Berriz ere zabaldu du. - Yasminder –oso arraroa da niri Yasminder deitzea. Beti deitzen dit Yas, arazo handi bat dagoela dirudi-. Alabatxo maitea. Gaur, dendara, Puna hoteleko gizona etorri da. Dendako kuxinik politena atera diot, baina berak eskuarekin ezetz esan du –arazoa izugarria izan behar dela pentsatzen dut, dendan gertatzen dena kontatzeko-. Nota bat eman dit eta joan egin da. - Ama, zergatik kontatzen didazu hau dena? Amak, begirada batekin, isiltzeko esan dit. - Orduan nota zabaldu dut eta aho zabalik geratu naiz –geldialdi bat egin du-. Zurekin ezkontzea nahi zuela idatzi du paperean. Oraingoan ni geratu naiz aho zabalik. - Telefonoa hartu dut hori irakurtzean eta gizonari deitu diot, eta... eta baietz esan diot. Negar anpuluek nire begietako atera deitu dute. Saiatzen naiz ez zabaltzen, baina ni baino gogorrago bultza egiten dute eta nire etxera sartu dira. Altxatu eta nire gelara noa, amak ez du ezer egiten ni geratzeko. Gaur Tokigashu jauna etorri behar da. Gure ezkontzarako gauzak prestatzeko. Japoniarra da. Leihotik nire azken askatasun eguna ikusten nago. Hamahiru urte ditut eta 19. mendearen amaieran gaude. Nire tortura heltzeko bi ordu bakarrik falta dira. Amak deitu dit. Sukaldera abiatzen naiz, eta han ikusten dut: kolore desberdinetako telak ditu eskuan, nire jantzirako dira. Denak dira ilunak, horregatik zuria oso ondo ikusten da. Ertzetan hari distiratsuz egindako bordatua dago. Amak hori hartu du, eta nire inguruan batzen hasi da. Esertzeko esan dit: makilatzeko ordua dela esaten dit. Masailetan hauts gorri-marroia ipintzen hasia da. Ondoren margo gorri bat hartu eta bekokian puntu bat margotu dit. Nire ile beltza hartu eta orrazten hasi da. Kopeta bat egin eta gero apaintzen hasi da. - Hala da, Tokigashu jauna –ezin diot aurpegira begiratu, horregatik ama dabil bakarrik hitz egiten-. Nire Yasminder oso neska jatorra eta zintzoa da. - Pozten naiz –Japoniarrak niri begiratzen dabil-. Yasminder. Ze izen polita. Zerbait esan nahi du? Oraingoan neuk hitz egiten dut. - Bai –begirada lurretik altxatu dut-: Askatasuna esan nahi du. Ama eta Tokigashu jauna elkarri begira geratu dira. Euria ari du. Lainoek dena estaltzen dute. Nire jantziak blai eginda daude, eta aurpegia ere bai. Ez dago inor kalean, eta etxeetako argiak itzalita daude. Dena ilun-ilun dago. Katu beltz bat pasatzen da nire aurretik, buelta erdi eman du eta nire hanken artean pasatu da. Nire bidea jarraitzen dut. Katua nire atzetik dabil. - Kaixo, katutxo –katua niri begira geratu da-. Ez duzu etxerik? Nirekin geratuko zara? Katua hurbildu eta nire atzamarrak miazkatzen hasi da. Ialie deitzen diot. Bakardadea esan nahi du. Plazan eseri naiz eta Ialie nire gainean etzan da. Belarrien atzealdean zauri bat du. Odoletan dago. Nire musu zapiaz bendatu diot. Zaratak esnatu nau. Eguna da eta merkatu eguna. Ialiek arrain bat du ahoan eta nire eskuetan utzi ondoren ondoan eseri da. Jaten hasi naiz. Amaitu ondoren altxatu naiz, eta merkatura hurbildu naiz. Oso egun zoragarria egiten du eta postuak beteta daude. Lekeya jaunaren semea ikusten dut, afrikarra da, keinu bat egiten dit eta hurbiltzeko esaten dit. Bere aitaren postua da, niretzat, politena. Bere kontinenteko gauzak saltzen dituzte. Oso mutil jatorra da, nire adinekoa. Nahiko erakargarria da, begiak marroi ilunak ditu, ilea oso labur, eta beltzarana da. Betidanik izan gara lagunak. Heltzen naizenean bere postura, bere begiradan dena dakidala ikusten da. Ezkondu behar naizela daki. Egurrez egindako eraztun bat hartu eta nire atzamarrean jartzen du. Ondoren, ezkontza ostean berarekin joateko esaten dit eta joan egiten da. Amaren postua desagertu egin da. Zulo bat dago bere lekuan. - Yasminder –norbait deika dabil, baina ez diot kasurik egiten-. Yasminder. Azkenean aurkitu zaitut. Bitxikeri dendako andrea da. Bere ile beltza solte eramaten du beti, eta saria sokekin lotuta eramaten du, oso potola dago. - Ama oso kezkatuta dago. Etorri nirekin. Begietara begiratzen diot, eta buruarekin ezetz esaten dut. Negarrez hasi naiz, eta Ialie besoetan hartzen dut. Idnepu, bitxikeri dendakoa, besoetan hartzen nau eta etxeraino eramaten nau. Ama dago atean. Nire ondora heltzerakoan hau esaten dit: - Noej etsitpab reinuam –gaueko ekintzak, egunez konpentsatzen dira. Eliza oso handia da. Dena zuria da, berria. Nire ezkontzarako eraikita dago. Tokigashu oso aberatsa da eta eraikitzeko esan du. Nire saria guztiz zuria da, begiak bakarrik ikusten dira. Musika entzuten dut barrualdean, ate zabaltzen da eta sartu egiten naiz. Tokigashu eserita dago eta abadea ere bai, ni zutunik egon behar naiz. - Tokigashu jauna –abadeak ezkontza hasi du-. Yasminder zuretzako hartu nahi duzu? - Bai. Erantzunak min egiten dit bihotzean. - Orduan har ezazu eta eraman zure etxera. Niri ez dit galdetzen, behartuta nago eta. Bere etxera eramaten nau, eta sufrimendua hasten da, ohea malkoz beterik dagoela. Eguna da jantzi, eta Lekeyaren semearengana habiatzen naiz. Elizaren kanpoaldean dago itxaroten. Eskua hartzen dit eta korrikan hasten gara. Portura heldu gara, itsasontzi baten sartzen gara eta beste bizitza berri baten bila irteten gara. Baina nire barrualdean zerbait sentitzen dut, eta ez da nire ama uzteagatiko pena. Gizon baten ametsa izana naiz Iasmina Gorroño Larrinaga Gaur, ehun urte bete ditudanean, bota egingo nautela jakin dut. Atsekabeturik eta triste nago, lur jota. Ez nau inork maite. Gaur, sitsez eta sasiz janda egon arren, luzaroan gizon baten ametsa izana naiz: Juanjo Zugadirena alegia. Juanjo, Errota baserriko 9. semea, 18 urte zituela, Argentinara sukaldari joan zen bere lehengusu baten jatetxera. Egunak joan, egunak etorri, Juanjoren bazkari-afariak gero eta ospetsuagoak egin ziren eta jatetxe hark makina bat janari eman zuen. Horregatik, gure sukaldariak bere jatetxe propioa irekitzea erabaki zuen, Buenos Airesen bertan. Negozioa primeran zihoakionez, hotelen esparruan ere sartu zen bere lehengusua kidea zuelarik. 55 udaberri eta ile urdin mordoxkarekin aldean, bere jaioterrira itzultzea erabaki zuen; ezkondu, seme alabak izan eta bizitza osoan amestutako etxea eraikitzeko: NI NEU. Ez ninduen edonola egin. Sasoi hartako arkitektorik onenetariko batek diseinatu ninduen eta altzairu ederrenez jantzi ninduten. Handik gutxira, Juanjo, nire lorategian ezkondu zen Etxebarri baserriko Maritxu Iriarte gazte mardularekin eta geroago, euren seme-alabak bertan hazten ikusi nituen urteetan zehar. Daniel gazteenak, zirugia izan zuen txikitatik gustuko. Sukaldean oilasko bat hiltzen zen bakoitzean, han zegoen laguntzaile. Begoña, aitaren urratsak jarraituz, negozioen munduan sartu zen, lehenik ostalaritzan eta beranduago, etxegintzan. Pedro Marik, semerik zaharrenak ere, aitaren pausoei jarraituz sukaldaritza zuen ogibide; baina, Juanjorena berezkoa bazen, Pedro Marirena ostera, aitarengandik ikasitakoaz gain hainbat ikastarotan ikasitakoaren emaitza zen. Horregatik, Parisa joan zen bertako ardoak eta sukaldaritza ospetsua ezagutzera. Etxeko umeak gazteak ziren bitartean, nire geletan bizitasuna eta berbaroa ziren nagusi. Daniel, Begoña eta Pedro Mari kanpora ikastera joan zirenean ordea, isiltasuna nagusitu zen eta aldi berean Juanjo gaixotu egin zen, minbiziaz. Nire egileak hainbat ordu igarotzen zituen nire lorategian zegoen aterpeko besaulkian eserita. Udaberriko egun epel eta eguzkitsu batean, 80 urterekin, joan egin zitzaigun. Bat-batean, Maritxurentzat handiegia bilakatu nintzen; seme-alabak etxetik kanpo, senarra hilda, zer egingo zuen ba! Ulertzekoa zen hartu zuen jarrera: Maritxuk gero eta ordu gehiago pasatzen zituen etxetik kanpo eta nik ezagunagoak nituen hezetasunaren usaina eta hautsaren laguntza. Ni ere alferrik galtzen hasia nintzen! Handik pare bat urtetara beste lagun bat izan genuen etxean: Peter Collins amerikarra. Etxekoandrearen laguna. Donostiako zaldi lasterketetan ezagutu ziren, biei apustua gustatzen baitzitzaien. Maritxu alargundu zenean, apustuak egitera zaletu zen: bingoetara, loteriara, kasinoetara, baita ere zaldi lasterketetara ere. Peter gizon lodikotea eta garaia zen, dirua barra-barra gastatzen zuen horietakoa. Aberatsa ematen zuen. Urteak pasatu ziren, eta Pedro Marik gustura jarraitzen zuen Parisen bizitzen, Interpolen lan egiten Sarah Dupon zuen neskarekin. Sarah oraingoan, duela lau urte New Yorkeko MetropoIitan museoan lapurtutako Gertrude Stein Picassoren margo famatuaren desagerketa aztertzen zebilen. Kasua zaharra zen eta Interpolek ondorengo pista hauek zituen: Lapurra gizonezkoa zen. Lodikotea eta garaia zen. Ameriketatik ihes egindakoa zen. Erretratu robota bazuten. Iluntzeko zazpiak ziren Parisen, Pedro Mari afaltzeko arraina prestatzen zegoen eta Sarah, Picassoren koadroaren lapurketaren fitxategiak birpasatzen zegoen erretratu robota alboan zuela. Handik ordu laurdenera, Pedro Mari joan zitzaionean afaria prest zegoela esatera, erretratu robota ikusi zuenean, ezaguna egin zitzaion aurpegi hura. Bere amaren maitalearen izugarrizko antza zuen gizon hark, eta, txantxetan Sarah-ri komentatu zion. Sarah-k ez zuen uste txorakeria hutsa zenik eta eskuartean zituen paper eta boligrafoz Pedro Marik esandakoaz informe bat osatu zuen. Interpolek zituen datuak eta Pedro Marik emandakoak ez zetozen bat, deskribapen fisikoan izan ezik Hau ikusitakoan, bikoteak aste beterako amarenera joatea erabaki zuen. Han etorri ziren Sarah eta Pedro Mari aspaldiko partez oporrak pasatzera zetozela esanez. Sarahk denbora nahikoa izan zuen Peter Collins ez zela Peter Collins ziurtatzeko, John Martin baizik. Metropolitan museoan lapurtutako artelanaren lapurra. Hurrengo egunean, Peter Collins ez zenak zerbait arraroa sumatu zuen bere etxe aurrean jende ezezaguna ikusteaz batera. Arineketan, eskailerak igo zituen eta ihes egiteko nahian, bere logelako ezkerreko leihotik salto egin zuen, baina zoritxarrez, lorategiko harri koxkor baten kontra kokoteko bat hartuz, bertan siku geratu zen, hilda. Maritxuk orduan, bertan behera utzi ninduen, bakarrik. ONG batekin Afrikako erdialdera joan zen bizitza berri baten bila. Gaur bere ilobek saldu egingo naute, zentro komertzial handi bat egiteko. Triste nago, inork ere ez nau maite, baina, egun baten gizon baten ametsa izan nintzen. Eskubero eta kiskalesku Liber Sologaistua Bazen behin eskularru bat, Eskubero izenekoa. Oso bihotz onekoa zen: ateratzen zuten bakoitzean asko berotzen zituen eskuak. Itxuraz “atzamarrak” ez zituen oso luzeak eta artilea kolore gorri bizikoa zuen. Alpeetako etxe handi batean bizi zen eta barruan bero handia egiten zuen. Etxearen inguruan iturri bat zegoen, eta bertatik metal-ura irteten zen. Etxearen atzealdean ortu bat zegoen eta bere ondotik erreka bat pasatzen zen. Eskuberoren bikotea oso alaia zen, baita barregarria ere. Egun batean, mendira joan ziren, Eskubero, bere bikotea eta Mikel, bere jabea. Bat-batean txakur gaizto bat agertu zen, Mikelek beti zirikatzen zuena. Zakurra lotuta zegoenez Mikelek zirikatu egin zuen, txakurra hainbeste haserretu zen, ze, soka apurtu eta Mikelengana joan zen, eta Eskuberoren bikotea helduta puzka-puzka eginda utzi zuen. Mikelek pena handia hartu zuen eta, beste erremediorik ez zuenez, zakarrontzira bota zuen. Eskubero oso bakarrik sentitzen zen, bikotea falta zitzaion barre egiteko eta gainera, Mikelek ez zuen Eskubero eskuan ipintzen, bakarra zelako. Egoera honetan, gure eskularru gaixoak beste eskularru bat topatzeari ekin zion. Bere etxeko kaxoi guztiak arakatu ondoren, eseri egin zen bikotea topatu ezinik. Orduan, Eskuberok gogoratu zuen aurreko urtean, aldameneko etxean, txakur berberak beste eskularru bat txikitu zuela eta agian bertan topatuko zuela bikote bakarti bat. Aldameneko etxera joan eta han, kaxoi zahar artean, eskularru bakartia aurkitu zuenean berarekin joan nahi zuen galdetu zion, eta honek baietz erantzun zion poz-pozik. Etxera itzuli zirenean, Kiskaleskuri, aldameneko eskularru bakartiari, txoko bat egin, etxea erakutsi eta oso pozik ibili ziren. Egun hartatik aurrera Mikelek Eskubero eta Kiskalesku berriz ateratzen zituen kalera eskuak berotzeko. Aste batzuk igaro ondoren, Eskuberok Kiskaleskuri kasu gehiago egiten ziotela pentsatu zuen: arinago hartu, bera edozelan bota eta Kiskalesku txukun utzi ... Hau pentsatzean Eskuberok eskularru hobea eta maitatuagoa izatea erabaki zuen. Ateratzen zutenean gehiago berotzen zituen eskuak hartarako. Kiskalesku leloa ez zenez, egoeraz jabetu ondoren, bera ere gauza bera egiten hasi zen. Lehia honetan zebiltzala, Mikelek eskuetan bero gehiegi sentitu eta, amorratuta, biak askara botatzea erabaki zuen. Uretan murgildurik zeudela biak maitatuak zirela ohartzean, adiskidetu egin ziren. Banan-banan ez ziren ezer, bikotean taldea osatzen zuten!
AURKIBIDEA Hitzaurrea: Txikiegia? Giltza Atzizkiak Liburuak Gaixorik Notak Nahi eta ezin Aniztasuna Beratzen Musua Egiak eta haurrak Argi-metxak Badaezpada Bazterbideak Deseroso Edurne eta Rosa Eskerrik asko Ez alde, ezta kontra ere Geziak Gogoratuz Jainko txikia Lantegiaren usainez Lerro okerrak Neure neurrikoa Berandu nabil Oharkabe Satorrak Sirena-hotsa Zerrendak PILAR KALTZADA txikiegia agian Artikuluak Begietara begiratzeko modu bat, galderak egiteko modu bat, eskutik heltzeko modu bat, amets egiteko modu bat. Ez onena agian, ez ederrena agian, zaharregia, txikiegia agian. Kirmen Uribe Hitzaurrea: Txikiegia? “Hitzak beharrak sortzen ditu: adierazi beharrak, barruko mamuak askatu beharrak, premiak elkarri aitortu beharrak…” dio Pilar Kaltzadak hemen ditugun artikuluetako batean. Hitzekin batera, hainbat elementu –beharbada lehenengo begirada azkar batean txikiak diruditenak– aitzakiatzat hartzen ditu donostiarrak artikuluok erakitzeko. Edo, kazetariaren harira etorrita, zenbait gauza begien aurrean jartzen zaizkio eta, horien eraginak bultzatuta, hausnarketa-artikulu hauek garatzen ditu. Elementu txikiak direla esan dugu, hasiera batean behintzat. Eta teselek mosaikoa osatzen duten bezala, artikulu hauek Pilar Kaltzadaren ikuspuntua –edo, behintzat, horren zati bat– irudikatzen digute. Beraz, elementuen ustezko txikitasun horri garrantzia onartu behar diogu. Tesela zirikatzaileen artean, usainak, koloreak, zuhaitzak eta, nola ez, hitzak ditugu. Eta arlo askotara eramaten gaituzte: familia, lana, norberak bere buruarekin dituen elkarrizketak, gure usteak eta sinesmenak, txikiek egiten dizkiguten galderak, beldurra, nahia, memoria historikoa, giza aldaketak… ‘Beldur diet baiezko biribilei, eta baita ihesbiderik uzten ez duten ezezko erabatekoei ere’ dio Kaltzadak beste artikulu batean. Horregatik ere, teselak erabiltzea, harri puska handien ordez, egokia da. Ideia bakoitzaren alde batzuk eskaintzen dizkigu, iritzi monolitikorik ezarri gabe. Munduari begiratzeko modu txikiegia al da, Kirmen Uribek idatzi, Mikel Urdangarinek abesten eta Pilarrek maite duen abestiak esaten duen bezala? Nire iritzia baino ez da, baina ez zait iruditzen. Amak esaten diguna, edo bizikideek eskaintzen diguten laguntza, esaterako, txikiegia al da inoiz? Aritz Branton Donostian, 2017ko ostailan Giltza Ateak zarratzeko balio dute giltzek; kanpoko etsaia etxe barrura sar ez dadin, sarraila handiak jartzen ditugu, eta giltza giltzapean gorde. Babestu egiten gaituzte ate itxiek, gure baitan eroso sentiarazten gaituzte. Boterea ematen digute giltzek; gotorlekuak sortzen dituzte giltzek. Ez horretarako soilik, ordea. Itxitako bideak zabalarazteko balio dute giltzek. Kanpotik datorren aire berriak gure etxeko bazterrak garbituko baditut, ateak zabal-zabalik behar dira. Arnasberritu egiten gaituzte giltzek irekitzekoak direnean, kanpokoarekiko abegikor bihurtzen gaituzte. Benetako boterea ematen digute, bai, munduaren aurrean nor garen erakusteko bidea ematen digutelako giltzek. Eta duda-muda horretan joan zaigu, beste behin ere, urtea. Giltza eskuan dugula, zein aldetara jiratzea komeni den ez dakigula. Bidegurutzeak deserosoak dira, definizioz. Hautuak esfortzua eskatzen duelako edo, diot nik. Eskumara eginez gero, ezkerrera eginez gero… Azken baten, ez ditugu hautuak maite aukeratzeak galtzea dakarrelako berekin bat. Hori ere, definizioz. Urte zaharra zelan joan den gure buruari galdetzeko unea den honetan, nork bere zerrenda propioa eta besterenezina osatuko zuen honezkero. Gutxi axola du orain, ate berriak, aukera berriak ditugularik aurrez aurre, hautuak norantz eramango gaituen ez dakigula, bideari ekitea dagokigu. Eta nahasmendua nabari zaigu. Halaxe sentitzen naiz orain, halaxe sentitzen naiz beti benetan berria izatea gura dudan urte berriaren atarian. Nahasiak dira sentimenduak. Horrexegatik: sentimendu hutsak direlako, arrazoiaren galbahetik iragazi gabeko sentipenak, pentsamendu izatera iristen ez direnak. Barru-barruko kontu txikiekin txirikordatu zait gogoa lerro hauek idaztera jarri naizelarik. Adiskide batek giltza bat oparitu zidan duela gutxi, eta eskuetan eduki dut luzaz, norantz jiratu ez nekiela. Urte berriak jarri nau arrastoan. Irekitzekoak ez diren giltzak ez ditut maite. Zabal-zabalik nahi dut. Atzizkiak Hitzak ez dira ezerezetik sortzen. Hitzak beharrak sortzen ditu: adierazi beharrak, barruko mamuak askatu beharrak, premiak elkarri aitortu beharrak… Hitzak ez dira errugabeak, hortaz: hitz egiten duenaren isla dira hitzak, haren kulpa guztien ispilu. Asteon atzizkiei erreparatu diet behin baino gehiagotan, hitz-erro beraren bihurguneetan barna nindoalarik. Tresna egokiak dira atzizkiak hitz berriak sortzeko, hots, behar berriak asetzeko. Ulergarria, ulergaitza eta ulertezina; erro beretik sortutako hiru berba, elkarren osagarri eta kontrajarriak, aldi berean. Adibide bat besterik ez da. Jo dezagun sinistu egin dugula behin eta berriro esandakoa: gaur egungo Europan estatu berriak bake-bidetik sortzea ezinezkoa da. Sinistu egingo genuen azkenean, askori ulergaitza gertatu arren. Ulergarri egiteko, hamaika foro antolatuko ziren: nork bere arrazoiak emango zituen, zein baino zein ozenago. Kosovok, ordea, ezina ekinez egin du, eta gaurdanik herrialdea da, herri oso, berezko herri. Ezinezkoa zirudiena egingarri dela ikustean poztu egin naiz, geratzen zen aukera bakarra bortxazko bideetan abiatzea zela ziotenek argumenturik gabe geratu baitira. Beste batzuei ez zaie batere gustatu gertatutakoa, eta hori ere, ulergarria da. Kontrako ahotsak ozen entzuten dira, eta guk are ozenago entzuten ditugu, guri begira jarrita daudelako bozgorailuak. Errusiak, Serbiak, Espainiak eta beste batzuek nekez onartuko dute Kosovoren independentzia, hitzak berak barru-mamuak askarazi dizkielako. Eskubide-kontua izan liteke, noski; ez du nik kontrakoa esango. Barru-mugak ikusteko modua, nortasun-kontua ere izan liteke, jakina. Eta baita kutsatze masiboaren beldurra, diot nik. Jarrera guztiak dira ulergarri eta defendagarri. Jarrera horiek bake-bidetik adierazteari ezinezko iriztea, ordea, erabat ulertezina da. Horra, bada, atzizkien magia. Liburuak Orain dela pare bat urte edo, Pinocheten kontra zabaldutako auziaren inguruan jakin genuen begi txiki eta bihotz idortuko militarrak txiletarren ondare kulturaleko bitxi preziatuak gorde egin zituela, ostu egin zituela, eta liburutegi erraldoia osatu zuela, adituek desagertutzat jotzen zituzten alea askorekin. Itxura guztien arabera, Allende presidentearen kontra matxinatu eta bere terrorea ezartzea lortu zuen garaian lapurtu zituen ale preziatu horiek. Denetarikoak. Historiari buruzkoak gehienak, eskuizkribuak asko eta asko, txiletarren ondare kulturaleko parte garrantzitsua ia guztiak. Zertarako? Auskalo. Pinochet bera izan zen filosofia ezkertiarra eta marxismoari buruzko liburuak erretzea agindu zuena, gerora jakin dugularik txingarrek hartu ez zituzten ale bakanak berak gordeak zituela, eta hainbat ohar idatzi zituela, eskuz, orrialdeetako batzuetan. Marx, Vakunin, Engel, Gramsci eta Althusser omen zituen gogoko. Suak askotariko altxorrak hauts bihurtu ditu orain baino lehen. Irudi gogoangarriak dira, beste askoren artean, Hitlerren garaikoak, eraikin ofizial, eskola, museo eta baita etxe partikularretako atarietan ere piztutako suteak. Edota Sarajevoko liburutegi ederra garrek txikitu zutenekoa. Edo Donostiako liburu-dendaren kontrako atentatuak, kale-borrokaren esparruan kokatu arren, inteligentziaren kontrakotzat sailkatu behar direnak. Era guztietako diktadoreei liburuak erretzea, edota alferrik pilatzea, atsegin zaie. Mundua toki atseginagoa zatekeen liburu horietako bakan batzuk, behintzat, irakurri izan balituzte. Liburuak ez dira objektu soilak. Sailkatu, kolekzionatu, erosi, saldu edo lapurtu daitezkeen arren, liburuak ez dira edozein merkantziaren pareko gauzakiak. Liburu batek ateak zabaltzen dizkizu, hala aukeratuz gero, nahi beste mundutara sar zaitezen. Aspalditxo honetan egin diren azterketa guztiak bat datoz: gero eta gutxiago irakurtzen da, gero eta inpaktu kultural eta sozial urriagoa du literaturak. Hortik uler daiteke, bada, Pinochetek lapurtutako liburu horien falta nabaritu ez izana. Gaixorik Osakidetzako psikiatria unitateetan gainbehera sumatu dute aurten, aspaldiko partez. Gaixotasun edo patologia larriek bere horretan jarraitu dute, baina arinagoak edo ezaugarri sozialagoko agerpideak beste baliabide batzuekin tratatzen hasi dira zerbitzu ofizialetan, laguntza-talde edo antzekoetan. Itxura denez, handik dator azken hilabete hauetako murrizketa. Joera, alta, erabat bestelakoa da. Azken 20 urte hauetan, izan ere, etengabe handitu dira buruko gaixotasunekin lotutako kontsultak gure artean, geurea bezalako giza talde ia guztietan sumatu den joera eta intentsitate berberarekin. Eta panorama ez da batere lasaigarria: adituek diotenez, buruko gaixotasunak gero eta usuago izango dira datozen hamarkadatan, eta izurrite bilakatu dira laster. Erosotasunean, kritikarik gabeko heziketan, konplazentziaren gizartean larratu izanaren ondorioak dira, antza. Gaixorik gaude, eta ez dakigu norengana joan. Ospitale psikiatrikoetara iristen diren kasuetako asko, ia guztiak, gizakia bera bezain zaharrak dira. Maitasun kuitek min egiten digute, talderen batera egokitzeko ezintasunak gaixotu egiten gaitu, bakardadeari ezin diogu aurre egin, eta abar luze-luzea. Ez dira soilik oraingo kontuak, gaur egun izugarri hedatu badira ere. Orain dela gutxira arte, ordea, beste toki batzuetan “konpontzen” ziren horrelakoak: senideekin hitz eginez, lagunartera lotuta, edota adiskide hurkoaren bizkarrean babesa hartuz. Gurean, ordea, gero eta gehiago bizi gara familiatik aparte, lagun-talde sendorik gabe, hiri batetik bestera… sarerik gabe, bihotzak min egiten duenean nori azaldu ez daukagula. Gaixorik gaude, eta ez dakigu esaten. Sentimenduez osaturiko izaki bizidunak gara. Sentitzen garelako gara, hain justu ere, bestelako animaliak ez bezalakoak. Adimendunak, sentimen konplexudunak. Kapaz gara, ordea, sentimenak eta adimena lotuz zer gertatzen zaigun azaltzeko? Ezezkoan nago. Aztertu zeure burua, irakurle. Norbaitek “zer moduz?” galdetuz gero, zer erantzun ohi duzu? Ongi esan beharko… kasurik onenean. Notak Etxean bertan gertatu zen aspalditxo. Anai gazteak notak ekarri zizkien gurasoei, eta irakurri ostean, mutikoari begiratu eta “orduan, zer?” galdetu zioten, “aprobatu edo kateatu egin duzu?”. Ulergaitza egin zitzaien gurasoei irakasleak papertxoan jarritako esaldi horiek: “egoki dihardu, baina hobetzeko asko du” edo “jarrera egokia erakusten du, baina hobetu beharra dauka”. Askoz xeheago uler zitezkeen garai bateko notak. Ni neuk oraindik daukat etxean gorderik nire nota-koadernoa. Hori-horia da, tapa gogorrekoa. “Ikaslearen izena” dio azalak (“nombre del alumno”, artean euskarazkorik ez zebilelako gure artean, ezta ikasle neskarik ere, itxuraz); eta han, eskuz jarrita, neure izena dator. Orduan Oinarrizko Hezkuntza esaten zitzaion eskolaratzearen lehen kate-mailari. Kartilatxo hori da garai horretatik gorde dudan bitxirik preziatuenetakoa, eta han zerrendatuta, urtez urte lortutako emaitzak. Harrotasunez erakutsi ohi ditut “sobresalienteak”, eta azkar samar pasatzen naiz “insuficiente” eta “suficiente” gupidagabeen ondotik. Berdin-berdin begiratzen zizkiguten nota horiek gurasoek; ñabardurari erreparatu gabe, ohar gorri salatarien peskiza soilean. Datorren urtean, itxura guztien arabera, atzera egingo du eskolak, eta tarte luze baten ibilitako zuzentasun politikoa apur bat leundu egingo da, nota ulergarriagoak ipintze aldera. Ikasleen arteko lehia eta kalifikazio negatiboak sustatzen zituzten ereduak gaitzetsi egin genituen bere garaian, eta orain atzera datoz jarrerak. Badatoz, beraz, berriro “gutxi”, “nahikoa”, “ongi”, “oso ongi” eta horrenbeste desio genituen “bikain” horiek. Bigarren zikloan, zenbakiak ere berrerabiliko omen dira hemendik aurrera. Salbuespen bakarrarekin: nornahiri koloreak gorriarazten zizkioten 0 eta “oso eskasa” horiek berrikusketatik kanpo geratu dira. Hitzak baino ez dira, badakit. Azterketak amaitu berri dituzten gazteei ez die asko axola orain, baina etorriko da iraila eta bere sargoriak. Etorriko dira. Nahi eta ezin Hiri handietan kaleko sargoriak erre egiten du oinetan, asfaltoak kea dariola agurtzen zaitu hiri handietara sartzean. Eta bertan, hara eta hona dabil jendea, jendetza, kalerik kale, erakusleihoan begiak iltzatuta, auskalo zein pagotxaren esperoan. Merkealdiak dira, udako merke-garaia, eta itxura guztien arabera, merke-zurrean ibiltzea dagokigu, azken bolada honetan zabalegi diruditen poltsiko hutsetan txanpon bakanek oihartzun egiten baitute eskua sartzean. Jendea kexu dabil, dirua urri baita: eta kexu dira dendariak ere, ekonomiak eta eguraldiak ez baitute batere laguntzen merkantziak arintzeko. Eskaparate deigarrien atzetik etxe soilak ageri dira. Atari ia guztietan “salgai” dioen kartela ikus daiteke. Bi atariz behin geratu egin zaitezke etxea erostekotan bazabiltza. Denda eta ostalaritzako negozioekin antzera gertatzen ari da. Erakunde publikoek abian jarri dituzte larrialdietako laguntza-mekanismoak, krisiak geure ekonomia handian eragin dituen zuloak estaltzeko balio izango dutenak. Hala bedi. Txanponaren beste aldea ere egunero ikusten dut. Aireportu ondoan bizi naiz, eta inguru bertsuetan lan egiten dut. Ondorioz, buru gainean izaten ditut, jira-biraka hegazkinak aldiro. Ezin saihets nezakeen trafiko zaratatsu horrek eragiten didan metafora erraza: metalezko amets-ontziak dirudite makina handiek, beren sabel emankorretan daramatzatelarik aisialdia deituriko aberriko erromesak. Uretan zehar pilaturiko nekea eguzkipean uxatzera doaz, aurreztutako sosak hamabost eguneko egonaldi zoragarrian xahutzera. Irabazitakoak dira oporrak, merezi ditugunak. Zalantzarik ez. Nola uztartu, orduan, nahia eta ezina? Izan ere, merkealdiak, udako oporrak eta krisiak (desazelerazio azeleratuak, edo…) bat egin dute egunotan. Egun bertsuetan, esan nahi dut. Aski esanguratsua da metafora, ez da? Etxebestetarrak ditugu gogoan: auzokoen iseken beldur, udako oporrak etxean igaroko dituztela nola edo hala ezkutatu behar duen familia, hain zuzen. Aniztasuna Gure eskola garaian, txikikeriak gora-behera, haur guztiak berdinak ginen. Familiak ere antzekoak, igual-igualak ez ziren kasuetan. Herri txiki edo handikoak ginen, baina herri berekoak guztiak. Arrazarik ez zen gure artean, edo arraza bakarra, zehatzagoa esatearren. Azal kolore bat eta bakarra zelakoan, adiskide beltzak, beltzaranak edo horixkagoak iristeak aparteko aldaketa ekarri zuen gure artera. Ez zen hori eskola garaian gertatu, askoz geroago baizik. Ordurako mundua ezagutzen genuela uste izateko harrokeria bagenuen, edota ordurako munduan horrelakoak bazirela ikasita genuen liburu eta telesailetan. Eskola garaian ez zen horrelakorik. Gure mundu txikia autobusaren azken geltokian amaitzen zela eta, herriko guztiok elkar ezagutzen genuela, mundua guregandik urruti samar geratzen ziren herrialde exotikoek osatzen zuten. Gaur egun, ordea, dena da desberdina. Familia-eredu bakarra ez dagoela ikasi dugu. Enekok bi ama ditu, eta Anderren ama oraintxe ezkondu da; haren bikote berriaren familia osoa etorri da Bogota izeneko hiri batetik. Gure haurren eskolan kolore, jatorri, kultura eta hizkuntza aniztasuna eguneroko ogi bihurtu da aspalditxotik. Zorionez. Ali Marokotik etorri da duela gutxi bere senitartekoekin. Karenen azal beltzaranak salatzen du jatorria, eta guraso euskaldunek adoptatua dela kontatzen dizu, harrotasuna, ezjakintasuna eta inozentzia nahasten dituelarik esaldi berean nondik heldu den galdetutakoan. Naiara gormutua da, baina hizketan ongi moldatzen dira harekin gelako adiskideak, zeinu-hizkuntza ikasten ari baitira eskolan. Xehetasun txiki batzuk gora-behera, nire belaunaldiko gehienok adierazitako eskola-bizitza izan dugu, kolore bakarreko errealitatearen larrean hazitakoak gara-eta. Eta xehetasunak gora-behera, gaur egungo gure seme-alabek ere azaldutako aniztasun-esperientzia bizi dute egunero eskolan, kalean, jolas-orduetan. Aldeak handiak ez ezik, funtsezkoak dira. Mundua desberdina da; ez hobea, ezta txarragoa ere. Diferentea. Beraiek ere desberdinak izango dira munduaren aurrean: geu baino askoz irekiago beharko lukete, behintzat. Beratzen Etxetik kanpora hamar bat egun igaro behar dituzu. Oporrak, azkenean. Ohiko erritmoarekin, gauzak egiteko moduarekin, apurtzeko aukera. Behar duzu, esaten diozu zeure buruari; merezi duzu, esaten dizu zeure buruak. Tarte bat da, parentesia. Antolatzeari ekin diozu, eta ez da batere erraza maletak prestatzea. Zerrenda ahalik eta osatuena egiten saiatu zara, ezertxo ere faltan ez botatzeko moduan ibili ahal izateko. Dena antolatuta behar da, dena behar den bezala doala seguru sentitu nahi duzu eta. Kosta egiten da atsedena prestatzea; izugarrizko nekea dakar. Ez duzu, ordea, lehenengotan etsiko, eta lortu egingo duzu azkenean. Dena prest. Badaezpadakoez gainezka doaz maletak eta autoak. Segurtasuna, kontrola. Horiexek behar dituzu etxetik kanpora emango dituzun egun horietan ere. Urtean zehar bizi izandakoa apur bat alde batera uztea komeni dela esaten diozu zeure buruari, baina autoaren atzealdeari begiratu diozunean, zeure eguneroko bizitzaren bertsio laburtua maletatu egin duzula aitortu behar izan duzu. Bizitzaren alegoria distortsionatuan bizi gara oporraldian ere. Uste handian izaten dugu geure burua, eta finean, inozo hutsak gara. Ezinezkoa da aldapan behera doan gurpil handi bat fede hutsarekin geraraztea. Zaude lasai: errua ez da zeurea, fisikarena baizik. Nekea gurpila bezalakoa da, berezko erritmoa du eta. Eta bizitza bakailaoaren antzekoa da. Iraun arazteko gatza behar du hark, eta baita geuk ere; baina egiazki gozagarri geratzea nahi badugu, denbora behar izaten du bere onera itzultzeko. Bizitzan berdin-berdin: lantzean behin, presarik gabe beratzen jarri behar izaten da. Garai baten oporrak hiru hilekoak ziren, eskolaren erritmoari segituta antolatzen baitziren familiak. Gurasoek ez gintuzten udalekuetara bidaltzen, eta geuk joan beharrik ez genuen, etxean beti egoten zelako norbait haurren kargu hartzeko. Ez genuen batere denborarik galtzen oporraldia non igaroko genuen pentsatzen, urteroko toki berberetara itzultzen baikinen, udako erromesok. Eustatek esan digu orain hobeto bizi garela duela hamar urte baino, eta bat nator inkestarekin, baina… “Bainak” axola zaizkit urteroko erritoa prestatzeari ekin behar diodan honetan. Musua Etxera ekarri dute azkenean Argi. Urduri zeuden beren gurasoak, eta urduri geunden harrera-festa bitxi horretara deitutako adiskideak. “Mongolian jaiotako gure alaba” esanez aurkeztu dute guraso berantiarrek munduari nola begiratu behar dion ez dakien bi urteko neska ederra. Irribarre egin dugu guk, eta baita neskatxak ere. Harengana nola hurbildu behar den oso ondo jakin gabe, barne-senak gidatuta edo, urreratu natzaio, eta musu bat jarri matrailean, leun eta argia iruditu zaidana. Neskak atzera egin du, keinu izutuarekin. Aita berriak azaldu dit Argiren jaioterrian ez dela batere usua haurrei musua ematea. Kariñoa adierazteko modua omen da bertan elkarri burua usnatzea. Gure artean sortu da kode berria, eta harriturik samar begiratzen badigute ere, haur-eskolara bila joan naizenetan halaxe agurtzen dugu elkar. Buru atzealdean sudurrarekin kilimatzeko aprobetxatzen dut nik gure agur partikular hau. Maoriek ez diote elkarri musu ematen, eta horren ordez, hozka egiten dute matrailean, besoetan, lepoan. Txinan eta Finlandiako hainbat herrialdeetan ere erabat ezagunak dira ezpainen dantzak. Munduan ba omen dira 650 milioi pertsona, populazioaren %10 inguru, musua zer den ez dakitenak. Egunean zehar ez dakit zenbat musu ematen dizkiedan nire alabei. Esnatzean musukatzen hurbiltzen naiz, eta lotarako orduan musuak eman eta musuak jasotzen ditut nik. Iritsiko da momentua, badakit: ez horrenbeste besarkatzeko, adiskideen aurrean maite zaituka ez agurtzeko esango didaten momentua. Pitsbourg-eko beste ikertzaile batek KISS-1 izeneko genea aztertu du eta bere iritziz, baliteke haren barne-mekanismoetan egotea haurtzarotik gaztarorako bidea abian jartzen duen suzia. Bien bitartean, ordea, musua da gure artean hitz egiteko modu berezia. 12 kaloria erretzeko, 36 muskulu batera abian jartzeko eta bihotzaren taupadak 60tik 110era igotzeko ez da aparteko ahaleginik egin behar. Musu bakar batek hori guztia ematen digu; eta baita gorputzaren lege fisiologikoen aurrean txiki geratzen diren hamaika sentsazio gozo eta eder ere. Egiak eta haurrak Guk zertan sinesten dugu?, galdetu dit alabetako batek, eta mutu utzi nau. Bi zeru omen daudela entzun ei du hor nonbait. Bata urdin-urdina da, lainorik gabea, eta honexek hartuko omen ditu bizitzan zehar zuzen jokatu duten pertsonak heriotza iritsiz gero. Bigarren zerua ez zaio batere gustagarria gertatu, ekaitzaren kolorekoa omen delako, eta are kezkagarriagoa dena, berau izango delako bizitzan zehar zekena izan denaren azken etxea. Bi zeru, bizi garen artean egingo ditugunak horietakoren baten garbitzeko. Mutu geratu naiz. Eta bera nire erantzunaren zain. Noiz hil egingo zara zu?, galdetu du beste alabak, adinez eta jakin-minaz bere ahizparen ezpal berekoa denak. Mutu utzi nau. Entzun omen du hor nonbait jaioz gero urte-kopuru zehatz bat emana zaigula, bizialdian zehar gozatu behar duguna. Txiki-txiki jaiotzen garela, baina denborak luzatu egiten dituela gure hezurrak eta muskuluak, tamainako izaki bihurtzeraino. Hortik aurrera, beheraldia omen dator, eta zimeldutako loreen antzera, isiltzen, deusezten hasten garela, lurpean erabat idortu arte. Zenbat udaberri geratzen zaizkizu?, galdetu dit, eta mutu geratu naiz, berak nire erantzunari alferrik itxaron dion bitartean. Ispilu desitxuratu gabeak, idatzi gabeko orri zuriak, aparteko abenturak eta istorio txikien egarri noiznahi eta nonahi agerrarazten duten animalia txikiak. Halakoxetzat hartu izan ditugu txikiak, eta bada horrela ulertzeko motibo garbia: garrantzitsu sentiarazten gaituzte, derrigorrezko. Beste edozein sentimendurekin konparatzerik ez dagoen sentsazio horren ordainetan, ordea, maiz ataka gaiztoan jartzen gaituzte. Zaurian piku egiten dakite hizketan hasi orduko. Azalpen axalekoekin nekez konformatuko dira, egia nahi dutelako. Zirrikiturik gabeko egiak, seguru sentiaraziko dutenak. Erantzuna eskatzen dute, baina bizitzan, tamalez, gutxi dira seguru sentiarazten gaituzten egiak. Argi-metxak Atunaren kosterara abiatu aurretik, Bermeoko itsasontziek bi itzuli egiten dituzte ababor eta istribor Gaztelugatxe aurrean. Beren sirenak joz, zortea (edo dena delako patua) aldekoa izatea erregutu diote aurten ere Tenplarioek sortu ei zuten Doniene baselizako nagusiari. Urteak joan eta urteak etorri, itsasontziek errito berbera errepikatzen dute. Zergatiaz galdetu dudanean, “kalterik ez du egiten” erantzun dit atunaren bila irtetekotan zegoen arrantzaleetako batek. Puntako teknologiaz hornituriko sistemek gidatzen dute kostera gaur egun; argi mordoa dago aginte-panelean eta arrantza ugariko guneak erakusten dituzten mapei jarraitzen diete, traza estatistikoak lagunduta. Garai bateko artea ia zientzia bihurtzeraino eraman du aurrerabideak eta hala ere, Gaztelugatxe ikusgarriaren ondotik pasatzean, usadioari jarraitzen diote, eta bere aurrekoek erakutsi zieten moduan, itzuli bi egiten dituzte. Arrazoi berberarengatik, kalterik egiten ez dutelako, aurrekoek egin moduan agurtuko dugu gaur Udako Solstizioa. Ilundu orduko, sua piztuko dugu eta haren epeltasunean elkartuko gara elkarri eguzki-bira berria emankorra izan dadin opaz. Joan den urteaz geroztik etxeko atarian ditugun erramuak botako ditugu sutara, eta berria eramango dugu bueltan, garrak erabat amatatu aurretik haien gainean salto egin eta gero. Federik gabe, baina konbentzimendu osoz. Ez da logikoa, ez da garai txinpartatsu hauekin erraz ezkontzen, baina ohitura zaharrei eutsi egiten dien herria da geurea. Aurrekoek utzitako zoruaren gainean eraikitzen ditu hurrengoak berea, eta hura eraitsitakoan, oinarri berbera baliatzen du ondoren datorrenak. Etorkizuna ez da plater garbi eta erabili gabeetan zerbitzatuko otordua, iraganeko geruzekin osaturiko lasagna modukoa baizik, zaharra eta berria nahastu egiten dituena. Atsegin dut zaporeen konbinazioa, garai batekoa den guzti-guztia baliogabe uzteko joera nagusitzen ari zaigularik, argi-metxa bezalakoak baitira gaurkoa bezalako egunak: ilunpetik ateratzen gaituzte, bidean lagungarri. Badaezpada Mendiko botak eta makilak eramaten ditugu automobileko maletategian beti, badaezpada. Auto zaharra erretiratu eta berria hartu genuenean, horixe sartu genuen aurrena, badaezpada. Hiru urtetan, ez dugu sekula erabili, mendira joan garenetan propio prestaturiko irteerak izan baitira ia guztiak, ez bat-bateko apetak eragindakoak. Baina hor dago bizkar-zorroa, badaezpada. Egun batzuetarako oporrak hartu ditugunean gogoratu gara bertan zegoela, ateralditxorako maletak ez baitziren kabitzen. Badaezpadakoak traba egiten zigun. Beldurrekin beste horrenbeste gertatzen da. Badaezpadako beldurrez zamaturik ibiltzen gara, noizbait behar izango ditugulakoan, ataka gaiztoren batetik ateratzeko, arriskuari aurre egiteko, ihes egiteko, babesteko... batek daki zertarako. Ikasi egin dugu, ume mokoak ginenez geroztik hamaika aldiz esan izan digutelako. Ikasi egin duzu, adibidez, badaezpada kontuz ibili behar dugula leku isolatuetan, norbait agertu ahal delako. Badaezpada komunera joan behar dugula beste adiskide batekin, erasotua izateko arriskua gutxiagotzeko. Badaezpada ez dugula gustukoa duzun soineko eder hori jantziko, hankak eta bularraldea ageri samar eramatea arriskutsua delako. Ohitura bilakatu da guretzat, eta honezkero ez diogu gure buruari galdetzen zertarako diren beldur horiek, barneratu egin ditugu-eta. Guztia, gainera, geure onerako denez gero, nola uko egin hori guztia normaltzat hartzeari? Pisu gehigarria daramagu emakumeok bizitzako maletategian eta nahiko genituzkeen gauzetarako lekurik ez zaigu apenas geratzen. Hala ere, ez da nahikoa. Beldurrak aidean bada ere, jipoitu egiten gaituzte, bortxatu egiten gaituzte, hil egiten gaituzte. Etengabe. Guk ere, emakumeok ere, maletategian nahi beste amets eta askatasun-ale sartu nahi ditugu, baina denon artean eraiki ditugun badaezpadako beldur horiek leku gehiegi hartzen dute gure bizitzan, arnas egitea oztopatzerainokoa. Besteak beste, komunera bakarka joan, noiznahi nonahitik beldurrik gabe ibili eta nahi duten moduan janzteko aske diren gizonek ere honetaz gogoeta egitea nahitaezkoa da. Eta oso urgentea. Bazterbideak Egunotako hego haizeak kanposantuetako loreak zimelduko zituen honezkero. Joan den igandeko erromesaldiek ohiko isiltasunari egin diote bide, eta hutsik daude berriro hilerriak. Salbuespenak salbuespen, hainbat kanposantuetako sarreratan irakur daitekeen esaldia bete-betean konplituko da hemendik aurrera eta hurrengo azaroa bitarte: “egiazki bakarrik gaude”. Bide-bazterretan ere lore-sortak ugaritu dira egun hauetan eta autoa gidatzen noala bestaldera begiratzen saiatzen banaiz ere, ikustearekin batera ezinegona eragiten didate. Gehienak trafiko-istripuetan joandakoei keinua egitekoak dira, baina aurten Memoria Berreskuratzeko Elkarteak Espainiako Gerra Zibilaz geroztik falta diren 114.226 herritar gogoratzeko lore-sortak ipintzeko deia egin du. Kopurua oso zehatza da, Elkarteak berak emana, ez ez ditu gerran hildako guztiak hartzen, ahanzturaren tolesetan desagerrarazi zituztenak baizik. Bakan batzen gorpuzkinak berreskuratu diren arren, kopuru hori bezain luzea da oraindik aurkitzeke daudenen zerrenda. Urteak igaro dituzte lore-sortarik gabe, eta horrela jarraitzen dute hildakoek, eta baita beren senitartekoek, beren samina agertzeko nora jo ez dakitelarik. Gainerako hildakoak bezain bakarrik daude horiek lurperatuta, baina lekuz kanpo, balizko zigorra belaunez belaun iraunari duen modu krudelez. Hiltzeko tokiak daude, bizitzekoak dauden bezalaxe, eta errepideak ohikoak badira ere, ez ditugu azken hatsa egiteko leku egoki gisa hartzen, nonbait. Ez ditugu loreak ipintzen ohe-buruetan bertan hildakoak gogoratzeko, ezta ospitaletako ebakuntza-geletan ere; bai ordea, bazterbideetan eta han ezarritako lore bakoitzak memoria lurpean ehorzteko egindako saiakerari hozkada egiten dio. Jose Saramagoren olerki bat errezitatuz egin dute nik oso hurbiletik ezagutzen dudan bide-bazter baten lore-eskaintza: “Daukagun memoria gara eta geure egin dugun erantzukizuna baino ez gara. Memoriarik gabe ez ginateke existituko, eta erantzukizun hori gabe, ez dugu existitzea merezi”. Deseroso Karmelek 32 urte ditu, altua da eta ilehoria. Oso ilehoria, azal argi eta begi urdin-urdinak diren pertsona modu horiek izaten diren bezalakoak. Ilehoriegia eta altuegia eskolan eta adiskideen artean nabarmen ez gertatzeko. Buruz gogoratzen ditu haien txantxak eta isekak, lehengusuen artean ere maiz gertatzen zirenak. Alaba bakarra da eta ez du zerrekin konparatu, ez bada bere gurasoekin edo izeba-osabekin: diferentzia handiarekin, bera da altuena eta ilehoriena. Desberdin izate hori zein gene bihurriri zor ote zion galdetzen zion amari gaztetan, baina amak begiak jaisten zituen lurrera, deseroso. Halaxe sentiarazi izan dio amak haurtzaroko kontuez galdetu izan dion guztietan. Bereziki azken bolada honetan, Karmele haurdun geratu denez geroztik. Begoña ere deseroso sentitzen da lapurtutako haurren kontua agertu denetik. Hil zitzaionez geroztik askotan gogoratu izan da erizainak erakutsi zion jaioberriaz, bere alabaz, eta auzi honek orduko ezinegona berritu egin dio. Begiak itxita zeuzkala ezagutu zuen ospitaleko ohean alaba, eta horixe da bere haurraz duen oroitzapen ia bakarra. Nolakoa zatekeen gaur egun gaixotasun arraro hark eraman izan ez balu? Neskatxa ederra, pentsatzen du Begoñak, gerora izan zituen beste bi mutikoen antza handi-handikoa: altua eta ilehoria izango zen neska hura, ia seguru. Bere anaien begi urdin-urdinak izango zituen honezkero 32 urte pasa beharko lukeen hildako alabak. Karmeleri deseroso gertatzen zaio bere amaren deserosotasuna, eta hala aitortu die ospitaleko ohearen ondoan laguntzera joan zaizkionei. Bere senarra Mikelek haurdunaldiaren begitazioak direla dio, eta detaile txiki horiei inportantziarik ez emateko esan dio, irribarre eginez. Total, laster jaioko zaien haurra altua eta ilehoria izango da erremediorik gabe, halakoxeak baitira bai ama kezkatia eta baita aita bera ere. Mikelen amak, Begoñak, buruarekin baietz dio, baina begi urdinetan nabari zaio zalantza egiten duela. Duda egiten du Karmelek. Eta duda egiten du Begoñak ere Edurne eta Rosa Kaleko mugimenduari begiratzen diot maiz, atsegin baitut behatze hutsa, helburu zehatzik gabe han behean zer gertatzen ari den ikustea. Denbora ia oharkabean joaten zait horrelakoetan, eta maiz pentsatu izan dut alferrik ere ihes egiten didala, baina joan den astean, behatze hutsarekin asko ikas daitekeela konturatu naiz. Askotariko ibilerak izaten ditu jendeak, eta ibiltzeko modu horietako bakoitzak zentzuren bat izan dezakeela otu zait. Oker egon naiteke, jakina, baina ariketatxo honek asko erakutsi dit jendearen izateko moduaz, zuzeneko harremanek beste, esango nuke. Aurreari begiratzen dion jendea dago, alde batetik, eta begiak bere oinetan iltzaturik eramaten dituztenak bestetik. Lehenek datorrenari heltzeko indarra dutela ematen du, bigarrenek soinean daramatena babesten duten bitartean. Aurrera begira doazenek konfiantza eragiten didate; eskatuz gero, beraiekin batera ibiliko nuke bidea, bidegurutzetan aukera egokia zein den esaten asmatzeko gai direla iradokitzen dutelako. Aurrera begiratzen duen jendearekin edonora joan daiteke. Aldiz, beren urratsak etengabe zelatatzen dituztenek errukia eragiten didate, gainetik kendu ezin izan duten arranguraren esklabo direla pentsarazten didatelako. Beren oin-puntuari baino ez diote erreparatzen, eta ez dira ohartzen, antza, zenbat bide eder uzten ari diren bazterrean, disfrutatzeke. Errukia, estropezu egiten dutelako behin eta berriro, eta estropezu eginarazten dietelako ingurukoei. Joan den astean, behatzen ditudan gure herriko kaleetan alde bateko zein bestekoak ikusi nituen, ibilian. Ikusi nituen beren oinazearen gatibu diren batzuk, kopeta ilunduta, barru-minak erreminduta. Eta aurrera begiratzen duten bi emakume ausart ere ikusi nituen; alaba bata, emaztea bestea. Lore bana zeramaten eskuetan, atzean geratu ziren aita eta senarrari eskaintzekoak. Aurrera begiratzen duten bi emakume horiekin edonora joan daiteke. Ni neu behintzat, etorkizuna deitzen dugun leku horretara iristeko, emakume horietariko edozeinekin joango nintzateke, eta aukeran, biekin batera. Eskerrik asko Hizkuntza bat ikastea erabaki duenari jatorrizko hiztunez inguratzeko eta oinarrizko berbak edo esaldietatik abiatzeko gomendatzen zaio. Izan ere, bertako hiztunek, hizkuntzaren barne-arauetatik harago, mintzaira berriaren doinua eskaintzen dute ahapaldi bakoitzean, eta oinarrizko hitz horien bitartez, letrak jartzen zaizkio melodiari, konplikazio handirik gabeko hartu-emanetan kantari moldatzen hasteko. Diosala egiteko, galderak egiteko, eskerrak emateko edota zerbait eskatzeko ez da hori baino askoz gehiago behar izaten, eta horretarako daude, hain justu, turistentzako propio argitaratzen diren gida mehe eta marrazkiz beteta dauden horietako edozeinetara. Bertara hiru urte egitera etorri den Norvegiako lagun bat dut. Hilabete darama hemen, eta euskararekin ausartu nahi omen du berehala. Gidatxoa poltsikotik atera zuen aurrekoan, eta banan-banan ahoz gora esateko eskatu zidan, irakurrita beste zerbait delako. Agur eta egunon berehala identifikatu ditu, baina “eskerrik asko” arraroa egin zaio, itxura denez, gutxitan entzuten delako gure artean, bere irudiko. Gutxi? Ezetz esan diot nik, oker dagoela. Ni neuk behintzat, eskerrik asko esaten diot ogia saltzen didanari, autobusean sarbidea errazten didanari, kalean estropezu ez egiteko baztertzen denari, eta baita behin eta berriro itxaroteko esaten didan telefonista lehorrari. Ez da gutxi... Kontuak egiten hasi orduko ohartu naiz, baina, zerrenda horretatik kanpora utzi ditudala benetan axola zaizkidanak. Aspaldidanik ez dizkiot eskerrak eman bizitza errazago egiten didan lagunari, ezta bizitzako zailtasunen aurrean kontsolamendurako berbak ematen dizkidanari ere. Ez diet maiz eskerrik asko esaten eguneroko irakasbidean irakasle ditudan alabei, ezta urteetan elkar ikusi ez dugun arren, aldi oro nire ondoan dagoela erakusten didanari. Zerrenda horretan beharko lukete, eta ez daude, eskerrak eman gabe joan direnak betiko. Beraientzat dira, bada, Eguberrietako suak biziberritu ditzan gaur gauean erreko ditudan damuak. Ez alde, ezta kontra ere Garai baten, “poesiaren alde eta poesiaren kontra” lehiatzen ginen adiskide batzuk taula gainean, herriz herri. Poeta handien lanak hartzen zituen talde bakoitzak bere argumentuak oinarritzeko, eta nork bere komenentziaren arabera aurkezten zizkien ikus-entzuleei. Poesiaren aldekook munduaren barne-tolesak agerian jartzeko modu sinple bezain sakon eta egiazkoa aldarrikatzen genuen, hitz biluzien edertasuna goratuz, eta jarraian poesiaren kontrakoek bertsoen hutsalkeriak agerian jartzen zituzten pasarteak irakurtzen zituzten, imintzioka, jarrera ridikuluak agertuz. Lehiaketan ez zen irabazle garbirik izaten, ezta erabateko galtzailerik ere, poesia, jakina denez, interpretazio kontua baita. Baina gauzak bi ikuspuntu desberdinetatik aztertzeko ariketa interesgarria izan zen, gerora ere aplikatzen saiatu izan naizena. Zoritxarrez, nahi baino gehiagotan jo behar izaten dut orduko irakaspenetara, argi bila. Gero eta usuago suertatzen baita aukera bietako baten alde lerrokatu behar izatea, aunitz arlotan. Zuria ala beltza, nirekin edo nire aurka, geurea edo besteena. Mundua bitan banatzen dela iradokitzen dutenak nonahi ageri dira, eta azken boladan, guztiaren jaun eta jabe bihurtu direla ematen du. Beldur diet baiezko biribilei, eta baita ihesbiderik uzten ez duten ezezko erabatekoei ere. Eta beldur diet aukera biren artean soluziobide bakarra beren egia dela lau haizetara zabaltzen dutenei, dela kaleetan, dela hedabideetan, dela gure herrietako aginte-eserlekuetariko edozeinetan. Bukatu zaigun urtea ez da ona izan, ezta desastrosoa ere. Jende askok gorriak ikusi ditu, baina beste askok bizitza alaiago, beteago, hobea egin dien dena delakoarekin egin dute topo urte honetan. Niri adiskide mina joan zait aurten, nire bizitzari orekan eusten zion habe horietako bat galdu dut, baina goizero-goizero irribarrea ezpainetan jaikitzen diren etxeko txikiek gogoratzen didate poesiak erakutsi zidana: “badira mila motibo kantatzeko alai”. Geziak Galdu egin nuen telebistak zuzenean eman zuen saioa. Gerora hamaika aldiz ikusi dut zuriz jantzitako arkulariak bete-betean asmatu zuela Bartzelonako su olinpikoa pizten, baina ez nuen zuzenean ikusi. Entzun dut litekeena dela guztia amarrua izatea, eta ordezko sistema bat prest izatea geziak huts eginez gero beste modu batez piztu zedin, baina nork daki. 1992. urteko uztailan gutxi axola zidan niri Bartzelonako Joko Olinpikoetan zer jazoko zen. Gerorako oroitzapenengatik zerbait gogoratzen dut Sevillako Expoaz eta urriko Amerikako Aurkintzaren 5. Mendeurrenaz. Hemerotekak zerrenda luze dakar urte horretako gertakariekin, baina gure etxean arreta gutxi eskaini genion aktualitateari. 1992. urtean, izan ere, Hernaniko Pedro Orbegozo lantegia itxi zuten eta gurean arrakala handi bat ireki zen, urteetan altxatutako eraikuntzaren zimenduetan dunbotsa ikaragarria sortuz. Hauskortasuna zer den ulertu genuen orduan. 1.500 langile izatera heldu zen altzairurtua lantzen zuen lantegi handia. 1.500 langile asko da, mundu bat, mundu kiratsu eta zalapartatsua, mundu laranja edo urdina, buzoen koloreen araberakoa. Sirenak adierazten zuen egunaren hasiera eta amaiera, eta sirenaren arabera antolatzen ziren ordu guztiak. Lan-txandak apuntatuta zeuden sukaldeko telefono gorriaren ondoan, egutegi hark aitaren orduak ez ezik, etxeko guztionak baldintzatzen zituelako. Gauez lan egitea tokatzen zitzaionean isil-isilik jaiki, gosaldu eta aterako ginen eskolarantz; arratsaldez zegoenean, berriz, gaueko hamarrak arte eutsiko genion logurari, musu bana eman arte ez baikinen oheratuko. Mundu horretan bizi ginen gu, 1.500 langile horietako bat baitzen gure aita, eta 1.500 langile horietakoak baitziren gure adiskideak eta auzokide ia guztiak. Ni baino zaharragoak diren nire alabek gogoratzen dute bertara iritsi aurretik beste zenbait langintzatan jardun zuela aitak, baina nik “fabrika handia” baina ez dut gogoratzen. Lantegiaren sarrera trafiko handiko errepidean zegoen, albo bietan platanondo handiek inguratzen zutenak. Zuhaitz sendoak ziren, eta udaberrian arku bat sortzen zuten kotxeen gainetik, bizitzak derrigor lantegi-sarreraraino eramango zintuela iradokitzen zuena. Bizi ahal izateko lan egin beharra dagoela esaten zuen gure aitak behin eta berriro, baina 1992. urtera arte berak eta bere moduko gainerako 1.500 langile horiek lan egin ahal izateko bizi zirela esango nuke. Askok lortu egin zuten; bizitzea, esan nahi dut. Tartean gure aitak, lantegia itxi zen urtean erretiroa hartzeko aukera izan baitzuen. Denboratxoa behar izan zuen oreka aurkitzeko, bizitza berriro ordenatuko zituen errutinak aurkitzeko, baina lortu egin zuen. Familia onik irten zen ataka gaizto horretatik, apur bat minberatuta ezustearen kolpeaz, baina onik. 1.500 horietatik zenbatek esan dezake horrelakorik? Geroztik ez da buzo laranjarik ageri, ezta sirena-hotsik ere ez. Laster garai horretako oroitzapenak ere galdu egingo dira, altzairu galdararen ahutzetan desegiten zen modu berean. Nire munduaren zati bat 1992. horretan desagertu zen, baina gaitz erdi, esan beharko nuke. Eskerrak gezi guztiek ez dutela beti bete-betean asmatzen. Gogoratuz Atzo goizean gertatu izan balitz bezala gogoratzen dut Donostiako hondartzan galdu nintzeneko arratsaldea. Ez dakit nola gertatu zen, beti leku berean jartzen ginelako, baina bat-batean bakarrik nengoela ohartu nintzen, jendez inguratuta eta bakarrik. Korrika hasi nintzen amari eta aitari deika, negarrez. Galdutako haurrak jasotzen ziren tokira eraman ninduten eta han egon nintzen bila etorri zitzaizkidan arte. “Se encuentran recogidos en las cabinas colectivas varios niños extraviados. Se ruega a sus familiares o cuidadores pasen a recogerlos a la mayor brevedad”. Bost urte nituen, baina hitzez hitz gogoratzen dut bozgorailuen mezua, ume galdua izan nintzen ordubetean gogoan iltzatu zitzaidana. Egun batzuetan amesgaiztoak izan nituen, eta lasaitze aldera, berehala ahaztu egingo nuela esaten zidaten. Atzo goizean gertatu izan balitz bezala gogoratzen dudalako, ordea, alabekin hondartzara noan guztietan, begirik kendu gabe egoten naiz. Onerako edo txarrerako, gogoratzen dugulako baikara garen bezalakoak. Horregatik, oso kontu malkartsua eta labainkorra iruditzen zait egunotan mundu digitaleko gure arrastoak gogoratzeko edo ahazteko dugun eskubidearen inguruan dabilen auzia. Amaraunean gure arrastoak betiko eskuragarri izan ala norberak hala eskatuta ezabatzeko eskubidearen inguruko hika-mika berriro piztu da, eta iritzi finko eta irizpide garbirik ezean, hondartzan galdutako arratsaldea etorri zait gogora. Ederra litzateke egun horretako izua ahaztu ahal izatea, eta baita gozakaiztu egiten nauten une eta sentipenak ere. Memoriatik ezabatuz gero, ordea, naizenaren parte bat galduko litzateke, galdu egingo nuke betirako. Naizena, garena, gogoratzen dugunari esker eraiki egiten baita: bizi izandako beldurra gogoratzen dugu eta beldurrari aurre egiteko prestatzen dugu gure burua, edota zoriontsu izandako uneak gogoratzen ditugu, eta behin eta berriro errepikatzen saiatzen gara. Gogoratzen dudana bezainbeste maite dut ahaztu dudan guztia. Jainko txikia Amona zenak bizimodua lasai eta bere erara egiteko behar zuen guztia edukitzea aberatsa izatea zela esaten zuen. Aberatsa naiz, errepikatzen zigun askotan. Hala ere, senideen zulotxoak estali ahal izateko loterian jokatzen zuen urtean birritan, beti zenbaki berberera, sekula zortedun egokitu ez zen zenbakira, hain justu. Beti dago zerbait, erantzuten zigun diru hori zertarako nahi zuen galdetzen genionean. Beti dago zerbait, zuloren bat, beharren bat, ongi etorriko litzaigukeen kapritxoren bat. Horretarako da dirua, esaten zuen amonak: txikikerietarako. Amonarekin akorduan, poetek sortu duten “Jainko Txiki eta Jostalari Hura” izan nahiko nukeela erantzun diot nik loteria tokatuz gero zer nahiko nukeen galdetu didan adiskideari. Jainko, edo jainkosa, izan nahi nuke emana ez zaidan ahalera eskuratzeko. Agur esan digun urteak berekin eraman dituen oroitzapenak berreskuratzeko, adibidez, edota zaharrago egin gaituen urtean burutzerik izan ez dudana akaberara eramateko. Entzun ez ditudan lagunen mezuak entzuteko, edota nire mezuak entzun ez dituzten lagunei helarazteko. Jainko edo jainkosa izatea gauza ederra litzateke bizitzarekin bakeak egin ahal izateko, pilaturiko zorrak kitatzen hasteko, behintzat. Jainko txiki eta jostalaria izan nahi nuke nire buruarekin dudan etengabeko elkarrizketa moztu ahal izateko, edo behingoagatik, nire baitan ezkutatzen den demonio txikia mendean hartzeko. Ezin dudala esaten didan ahots hori isiltzeko, edo beranduegi dela gogoratzen didanean, ez entzuteko. Ederra litzateke horretarako gaitasunak izatea nire buruarekin bakeak egin ahal izateko, edo urteak joan eta urteak etorri pilatzen joan naizen zorrak parrean jartzeko. Nik Jainko txiki eta jostalaria izan nahi nukeela esan diot loteriaren teman zetorkidan lagunari, baina hark alferrik dela gogoratu dit, diruak ez omen duelako horretarako ahalbiderik ematen. Amona zuzen zegoen: diruak txikikerietarako baino ez du balio. Lantegiaren usainez Nire haurtzaroak altzairurtuaren usaina du, eta metalezko txirbilaren soinua. Aitak Hernaniko Orbegozo lantegian egiten zuen lan eta hori ez da garrantzirik gabeko ñabardura. Gaur egun oso gutxi eragiten dio senideari gurasoen langintzak, baina garai hartan oso bestela zen kontua, lanak den-dena antolatzen baitzuen bere inguruan. Gure auzoan baserritarrak eta kaletarrak zeuden, eta gu bigarren multzokoak ginen. Lehenek lurrarekin egiten zuten lan, eta bigarrenek lantegietan. Tartekorik bazen, jakina, janari-dendakoak eta tabernetakoak zeuden, baina gutxi. Lana langintza baino gehiago zen duela gutxira arte, lan-merkatuari buruzko inkesta zenik ez nekien garaian behintzat. Aitak fabrikan egiten zuen, datu biografikoa zen harentzat eta bere senide osoarentzat. Amak etxean egiten zuen behar eta aitak lantegian: oso sinplea zen, eta bere sinpletasun horretan gauza asko azaltzen zituen, onerako edo txarrerako. Aitaren arropetan itsatsita iristen zen etxera altzairurtuaren usaina, garbitzen zailak ziren arropetarako detergentearekin nahastuta zabaltzen zen bazter guztietara. Lantegiaren erritmoaren arabera bizi ginen denok etxean. Fabrikak ateak ixten zituen abuztuan, eta huraxe zen nolabaiteko opor-garaia denontzat. Gaueko lan-txanda bazuen aitak, egunez isil-isilik egoten ginen denok, eguerdira arte egin behar baitzuen lo. Arratsaldeko lan-txanda egokitzen zitzaionean, berriz, baimena ematen ziguten beranduago oheratzeko, eta lantegitik etorri eta musu eman arte zain eusten genion. Ez naiz sekula izan Arcelor enpresak Sestaon duen lantegi handiaren barruan, baina inguruetan ibili izan naizen guztietan zerbait ezaguna sumatu izan dut giroan, aita zetorrela iragartzen zuen usainaren arrastoa edo. Badakit asko aldatu direla altzairu-lanak urte hauetan guztietan, eta labe garaien inguruak; gutxi dute, kanpotik ikusita, behintzat, nik gogoratzen dudan orube zikin, zaratatsu eta ia likatsu horietatik. Usaina, alta, berbera dela esango nuke, eta ez dut uste hori denik denboran zehar irautea lortu duen bakarra. Enpresak lan-etena iragarri zuen egunean telebistaren aurrean entzun nituen bertako langileen kexuak, eta horiek ere oso ezagunak ziren. Aitarekin nengoen, eta «berriro» esan zuen berak ahopeka telebistari notiziaren nondik norakoak azaltzeko betarik ia eman gabe. Zertarako, baina? Ederki daki berak zer esango duten, nola bizi izango duten oraingo kalapita hau. Sestaoko Arcelorrek iragarri du ezinezkoa zaiola Txinako enpresek ezarri duten prezioaren lehiari aurre egitea, eta izango dute, noski, arrazoiaren parte bat. Inozoa izango naiz, baina esango nuke arrazoiaren beste partea beren lanpostuaren defentsan irten diren langileek dutela, lantegia bideragarria dela diotenak. Eta inozoa izanik ere erabat ergela ez naizela uste dudanez gero, esango nuke partida ez dela Sestaoko kaleetan jokatuko, handik urruti baizik; eta ez direla bertako ugazabak ezta langileak ere norgehiagokan jardungo duten bakarrak. Horretan ere, aitaren lantegiaren antz handia du Sestaokoak, atzeraldi ekonomiko bortitzaren erdian Hernanikoa itxi zuten garaiko solasaldi ia berberak entzuten ari bainaiz egun hauetan. Gogoratzen dut nola bizi izan zen hura guztia gure etxean, nola bizi izan genituen ordura arte geure bizimodua arautzen zuen ordena ia naturala apurtzea ekarri zuten gertakariak, protestak, grebak, aitaren eta haren lankideen nora eza eta kezkak. Eta gogoratzen dut orduko soluzioak batzuk gogobete zituela, beste batzuk amorratu, eta guzti-guztiei bizimodu-aldaketa zaila eragin ziela, edo eragin zigula esan beharko nuke. Sestaon, Landabenen... geure ekonomiaren zutabe izan den jarduera industriala aldatzen ari da, eta aldatuko da are gehiago aurrerantzean. Lantegiak ez dira egundo nire haurtzaroko memoriak iraunarazi dien leku horiek izango, eta ezagutzen dudan apurrarengatik esango nuke laborategi itxura handiagoa izango dutela tailerrarena baino. Historian zehar etengabe gertatu dira eraldaketa teknologikoek bizkortu dituzten trantsizioak, eskutik helduta krisiak (handiak edo txikiak) ekarri dituztenak. Oraingo hau ez da salbuespena izango, baina hori guztia ulertuta ere, ez nuke nahi zerbait funtsezkoa ahaztea: usaina. Lantegien usaina behar du herri honek, lan produktiboaren pultsua behar dugu, ongizate deitu izan dugun horri eutsiko badiogu. Bere gabezia guztiekin nahi bada ere, gauzak egin egin ditugulako izan dugu orain arte erdietsi dugun aurrerapen-maila. Gauzak egin ditugulako izan dugu industria, beste batzuk salerosketa hutsezko ekonomia espekulatiboaren tronpeta hotsek zoratuta zebiltzan moduan. Gauzak egiteari uzten zaionean, gauzak nola egiten diren ahaztu egiten da, eta orduan, gizarte aseptikoa bihurtzen gara, usainik gabea. Etorkizunik gabea. Lerro okerrak Eskolan erakutsi ziguten eta, sinistu ez ezik, barru-barruraino ere sartu zitzaigun lezioa. Bi punturen arteko biderik laburrena marra zuzena dela esan zuen irakasleak, eta askori begien bistakoa irudituko zitzaien ikasbidea, handik ondorioztatuko baitzuten lerro zuzenari jarraitu behar zitzaiola helmugara iristeko. Josuk ikasketak utzi zituen derrigorrezko hezkuntza amaitu zenean, hamalau urterekin. Bide zuzena hartu zuen lanaren mundura, eta etxe ondoko lantegian behargin jarri zen, aitaren lantoki berberean. Bizimodua aurrera ateratzeko lerro zuzena zen hura eta erabaki hura astakeria zela esan bagenion ere, hark argi omen zuen. Harrotasunez, eta ez harrokeriaz, egindako aukera zuzena izan zela esaten zigun Josuk; hark ordaintzen zizkigun tragoak gainerakoei, eta haren autoarengatik izan ez balitz, etxe-jiran jarraituko genuen oporrak egiten luzaroan. Ongi moldatu zen Josu urte askotan, erabaki zuzena hartu zuelakoan, gauzak aldatu eta bideak okertzen hasi ziren arte. Makina bat urte igaro dira geroztik. Aspaldiko partez aste honetan aurkitu dut, eta lanik gabe dagoela esan dit, lantoki zaharra joan den urtean itxi baitzuten. Autobus-geltokian topatu genuen elkar, ni etxera bueltan nindoala eta bera Lanbideren ikastaro bat egitera. Bizitzak zenbat buelta ematen dituen esanez agurtu dugu elkar. Bide osoan pentsakor joan naiz. Josuren erabakia okerra izan ote zen argitu nahian ibili naiz, baina erantzun argirik gabe heldu nintzen nire geltokira. Ikasten jarraitu zuten asko egoera bertsuan daude gaur egun, lanik gabe edo lan eskasean, egindako ahaleginaren mailakoa ez den zereginetan soldata miserableen truke. Zuzen jokatu zuen, orduan, nire lagunak? Ez dut uste. Bide luze eta malkartsutik jo zutenek, gutxienez, bizitza ez dela ia sekula jokaldi bakarrean erabakitzen ikasiko baitzuten, norberaren esku dagoen arma bakarra karta gehiago eskuratzea bada ere. Geometriako irakaslearekin gogoratu naiz. Baliteke bide zuzena distantziarik laburrena izatea, baina ez du zertan bakarra izan beharrik. Neure neurrikoa Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorikari zor diet euskaldun bihurtu izana eta zehatzago, “Henry Bengoa Inventarium” lanari, hura ikusi eta gero, niri ere zerbait hautsi zitzaidalako bihotzean: liluratuta geratu nintzen oholtzaren gainean jazotakoarekin, erdia baino ulertu ez banuen ere. Huraxe izan zen lehen bultzada, eta bigarrena antzokiaren atean bertan etorri zen, emanalditik ateratzean horren ukituta ikustean apustu egin baitzidan adiskideak, ezetz bi urteren buruan euskaraz jarduteko gai izan. Gaur arte. Ez naiz batere epikoa. Ez nintzen euskaldun bihurtu euskara gure herriaren hizkuntza delako edota bertakook erabili ezean galdu egingo delako. Kezka horiek geroago etorri ziren. Ni gozamenetik eta jolasetik inguratu nintzaion: barrua astindu zidaten horiek ulertu nahiak eraman ninduen euskara ikastera eta hitz egitera, eta bide batez, adiskideari afaritxoa irabaztera. Euskara ikasia naiz, ez etxetik ekarria. Nahi izan nuelako naiz, bada, euskalduna. Jendeak esaten zuena ulertu nahi nuelako, oinarrizko berbekin lehen hiztegitxoa osatu nuen, oraindik etxean dudan koaderno zahar baten. Magnetofoi batez grabatzen nituen, disimuluz, kaleko euskaldunen elkarrizketak, gero etxean landu ahal izateko, eta disgusturen bat edo beste ekarri zidan auto-ikasketako sistema hark. Baina nola disfrutatu nuen! Benetako gozamena izan ziren hizkuntzaren barne-tolesetan barrena eraman ninduten gau horiek, ordura arte ikusezina zitzaidan mundu-ikuskera eskaini zidatenak. Gaurko egunean makina bat aldiz entzungo dugu euskara zaindu, babestu eta bultzatu egin behar dugula, hiztunok hizkuntza bat baino gehiago izango dugulako, baina euskarak gu bakarrik gauzkalako mundua adierazgarri egiteko. Eta hala da, izan ere, zoritxarrez, oraindik ere badelako zeregin epikoetatik aldarria jotzeko arrazoi nahikoa. Edozein modutan, neuri gozamenetik, plazer txikien iturritik edatean gertatzen zait bete-betea euskara, adierazkorra eta aberatsa, nire mundu txikiaren neurri-neurrikoa dela ikusten dudalako. Berandu nabil Horrela ibili naiz urte osoan. Berandu, iritsi ezinik. Garai bateko amamek galtzekin egiten zuten bezala jokatzen dugu guk denborarekin: egunari azpia atera nahi izaten diogu, handik edo hemendik luzatu guran, nahiz eta ongi dakigun alferrik ari garela, ez baitu egunak hogeita lau ordu besterik. Beti berandu. Hainbat arratsaldetan arnasa estuturik heldu naiz haurren eskolako autobusaren geltokira. Egunkari honetako adiskideek maiz erreklamatu behar izan didate emandako hitza, hau da, hilean behin orri-izkina honetatik begiratu eta ikusitakoa zein ikuskizun dudana azaltzeko. Sarritan, nahi baino gehiagotan, berandu ibili naiz. Agindutako epean erantzutea, zernahira delarik ere, nekosoa bilakatu da aspaldi honetan. Berandu gabiltzan ustea iltzaturik daramagu aldean, gainetik kendu ezinik. Bizitzeko manera bihurtu da presa. Mundutik iragateko modu berezia bilakatu da. Gainetik ikusita, gure hiriek inurritegi erraldoiaren antza hartzen dute, eta etenik gabe mugitzen ari diren forma txikiek ehuntzen dute gure paisaia. Batzuetan pentsatzen dut halako barne-indar batek garamatzala handik eta hona, norabide zehatzik gabe, helburua ez baita jadanik norabait iristea, aritze hutsa baizik. Gure aisialdiari buruzko inkesta kaleratu berri du erakunde publiko batek, eta deigarria da gero adituek “zerbait egiteari” eman dioten garrantzia. Zenbat aldiz joan garen kontzerturen batera, museo batera, antzezlan bat ikustera. Zenbat aldiz zinemara, zenbat herrietako azoketara. Zenbat ordu ematen ditugun irakurtzen, zenbat telebistaren aurrean, zenbat erosketak egiten. Ez du inork galdetu zenbat denbora ematen dugun deus ere egin gabe, helbururik gabe, zeregin zehatzik gabe. Zenbat denbora ematen dugun euriari begira (aukerarik ez da falta izan aspaldion). Zenbat aldiz gordetzen dugun egunean zehar geure buruarekin hitz pare bat egiteko. Zenbat minutu eskaintzen dizkiogun alferkeriari. Urte berrirako gurariak zerrendatzeko tenorea iritsi da. Hala dagokio abendu zuri honi. Hara neurea: bizitzeko denbora hartu, bizi izandako denbora arinegi joan izanagatik damurik ez izateko. Oharkabe Etxerako itzulera errepide berberetik egiten dut egunero. Ni gabe ere, autoak berak egin lezakeela pentsatzen dut askotan. Batzuetan, etxera iristean, ez dut gogoratu ere egiten nondik pasa naizen, bidean ezkerrean dagoen zuhaitza, hainbeste gustatzen zaidana, ikusi gabe ere pasa bainaiz. Hori ona dela esaten du nire adiskide batek, atentzioa gidatzea baino askoz garrantzitsuagoak diren gauzatan jartzen dudala esan nahi duelako, antza. Ni ez nago ados, izan ere, benetan gustatzen zait bide bazterreko zuhaitza. Bizitzan gauza bera geratzen zaigu. Ikusi ere egin gabe bizi gara, inguruan zer berri dagoen ohartu gabe, gure paisaiaren parte diren pertsona, egoera eta sentimenduei erreparatu gabe. Bizilagun batek kontatu dit gauez lo egitea kosta egiten zaiola bere ama hil zenetik. Gure etxetik bi pausotara bizi da, eta egunero egiten dugu topo, baina nik ez nekien ezertxo ere ez. Nola antzemango nion, aspalditxo ingurura begiratzeko ohitura galdu egin badut? Ezin izango nion kontsolamendu merketik harago beste laguntzarik eman, badakit, baina barruak nahastu egin zaizkit, bere minarengatik, jakina, baina baita nire axolagabekeriarengatik ere. Nola errepidean, hala bizitzan, zentzumen guztiak adi jarri beharko nituzke, baina kontrako ohitura barruraino sartu zaigu. Nahikoa dugu gurearekin, pentsatzen dugu, geure burua justifikatzeko eskuarki. Ama galdu duen bizilagunari berdin gertatzen ote zaion pentsatzen geratu naiz. Nire bizilagunak, neuk bezala, errudun sentitzen ote den galdetuz eta galdetuz ibili naiz azken astean. Bizitzan, errepidean bezalaxe, egoera erabat aldrebestu arte ez gara ohartzen egindako hutsaz. Istripua izan eta gero berriro gidatzea egokitzen zaizunean, eskuak izerditu egiten zaizkizu, eta oinak txindurritu, urduritasunez. Berdin gertatzen da bizitzarekin: dramarekin aurrez aurre topo egin arte ez zaizkizu zentzumenak berriro pizten, orduan ohartuko zarelako bizitzatik oin-puntatan pasatzeak dakarren kalteaz. Satorrak Satorrak agertu dira berriro etxea inguratzen duen berdegunera. Makatza gaztearen ondoan agertu da lehen zuloa. Badakigu zer datorren: urte-modu honetan satorrak ugaldu egiten dira eta horixe da beren zoritxarrerako unerik latzena: laster bizilagunen katuak bana utziko digu atarian, gorpu bizi, bere ehiza-trebezien erakusgarri. Sator-kumeak atsegin ditu katu harrapariak, lurpeko bizimoduaren arauak oraindik ikasteke, ahul dira kumeak eta olgetarako aproposak dira. Katuak pertsegitu egiten ditu, eta jolasteaz nekatuta, hil egiten ditu. Gero banaketa dator, bere balentriaz harro dagoela adieraztea, menderatzen duen inguruan nagusi dela aldarrikatzea. Adiskide biologoak erakutsi digu animalien portaera ezin dela gizakion ikusmoldetik epaitu, baina goizetan atea ireki eta hildako satorra ikustean joko maltzurra iruditzen zait. Boko Haram talde terroristari ihes egin diote 275en bat sator-neskatok. Hedabideek kontatu dutenez, iritsi dira, onik edo, errefuxiatuak artatzeko gune batera. Irudietan ikusi ditut horietako batzuk: emakumeak guztiak, eskolako umeak izan zitezkeenak gehienak. Aske daudela esan zioten horietako bati, nire alaben adinekoa iruditu zitzaidan gorputz argaleko neska negarti bati. Bost hilabetetik gora eman du Boko Haram-eko gizonen eskuetan, eta hitz totelka esan zuenarengatik jakin dugu diren eta ez diren basakeriak egin dizkiotela denbora horretan. Kamerari begiratzen ez dion neskatoak kontatu du bere ama nola hil egin zuten ikusi egin zuela berak, eta berarekin batera eramandako neskatoen beste ama asko ere odoleztutzen ikusi zituela, soldaduek (sic) itxita zeuzkaten etxolen atarian uzten zizkietelako hilotzak goizero, ikus zezaten. Satorrak lurpean bizi dira, gure etxe inguruko berdegunean egiten dituzten lurpeko galeria estuetan. Ikusezinak dira niretzat, katuak etxe aurrean uzten dizkidan arte. Adiskide biologoak esan dit ez konparatzeko animalien portaera gizakionarekin. Eta zuzen dago: nekez iritsiko da gure katu basatia gizakion krudelkeria eta basakeriaren maila berdintzera. Sirena-hotsa Goizean sirenak iragartzen zuen egunaren hasiera, urtetan eskarmentua hartutako orkestrari jotzeko agindua emanez bezala. Lantegi handi eta zaratatsuez inguratuta bizi izan nintzen txikitan, Donostia inguruko langile-auzo baten. Buzo urdin eta laranjak zintzilik zeuden etxe guztietako balkoietan, eta bizitzaren erritmoa lantegiek markatzen zuten. Ilundu orduko jotzen zuen gaueko txandaren sirenak eta lotarako ordua iragartzen zuen; abuztuan hutsik geratzen zen auzoa, lantegiak itxita basamortua bilakatzen baitzen. Huraxe zen orduan niretzat lanaren mundua, sirenek agintzen zuten bizitzeko modu finko eta aurresateko moduko hura, eta bakarra zelakoan bizi izan nintzen urte askotan. Gutariko askok (ez dakit gehienok esatea gehitxo ez ote den) ez dugu sekula era horretako lantegi baten lan egin, ezta egingo ere. Gaur egun, ia sektore guztietan, bestelako lanak egiten ditugu bestelako lan-prozedurak erabiliz, eskuarki toki fisikoaren menpekotasun txikia dutenak. Gutxi izango dira lan-bizitza osoa enpresa berean eta lan bertsuak eginez emango dutenak, tokiz edo funtzioz, edo biez, aldatzea baita ohikoena gaur egun. Mundua aldatu egin da gure inguruan lantegi handiak nagusi zirenetik gaur egunera. Bistakoa da. Ez dakigu oraindik zer jazoko den oraingo krisi sakon honen enbata gaindituko dugunean, baina ikusten hasi gara ez dela lehengo egoeraren antz handikoa izango datorkigun berria. Noraezean gabiltza, norantz jo behar dugun ez dakigularik. Lasaitzeko balio ez badu ere, badakigu antzera dabiltzala eraldaketa bortitz horretan murgilduta dauden Mendebaldeko gaienerako herriak ere. Urte batzuetan globalizazioaren leloak erantzunak emango zizkigula uste izan genuen, baina oker geunden. Orain ikusi dugu zer dakarren iparrorratzik gabe nabigatzeak globalizazioaren ur nahasietan, marrazoez inguratuta. Orain ikusi dugu irautea eta sendo errotzea lortu dute proiektuek komunean duten elementu nagusia nortasuna dela, zerbait propioa, berezkoa: identitatea. Aldaketa hauen guztien argitan, maiz galdetzen diot nire buruari zerk lotzen dituen pertsonak lan-proiektu beraren barruan, hots, zerk egiten gaituen enpresa bateko kide, hilaren bukaerako soldatatik harago. Edo zer herri bateko kide, nahi baduzue. Eta erantzunen bila, askotan aurkitzen dut balore humanista edo gizatar gisa definitzen diren horiek. Talde horren kulturaren parte sentitzea, gure lanaren bitartez lortzen denarekin nola edo hala identifikatzea, komunitate-sentimena, talde-sena. Balore horietan, emandako lan-ordu baten muga estuetatik kanpora zabaltzen diren beste elementu horietan, aurkitzen dut nik proiektu baten kide sentiarazten nauen pizgarria. Euskal Herrian, badugu identitatea ukigarri egiten duen elementu indartsu bat, berezkoa, geure-geurea dena, eta bakarrik geurea. Beste hizkuntza asko jakingo ditugu, eta erabiliko ditugu lanaren munduan, baina bakarrik geurea den euskarak nortasun propioa eratzen laguntzen digu. Ez dakigu noraino iritsiko garen, baina abiapuntuetako bat bederen, sendoa da. Euskaraz joko al du lozorrotik esnatuko gaituen sirena-hotsak? Zerrendak Europako mapa politiko itsua ekarri du alabak, etxean ikasteko. Herrialdeek zenbaki bana dakarte, eta atzealdean bi zerrenda datoz: ezkerrean herrialdea jarri behar du alabak, eta eskuman hiriburua. Uste baino gutxiago aldatu dira gauza batzuk, eta oraingo honetan behintzat, poztu egin nau, ospe txarrekoak badira ere, zerrenda zalea bainaiz. Idatziz ikasten zen garaikoa naiz, makina bat eskema eta laburpen osatutakoa. Giza-gorputzari eusten dioten hezur eta muskuluak eskuz marraztutako eskeleto zatar baten jarrita ikasi nituen, eta berdin lurraldea zeharkatzen duten ibaiak eta mendi-kateak ere, beti ere gutxi gora-beherakoak. Alabekin batera Europari neurria hartzera jarri naizenean, sistemak funtzionatu egin zuela ohartu naiz, herri eta hiriburuak orduan ikasita bezala, buru-kaskoan sartzeko erabiltzen genuen doinu kantari horretaz, gogoratzen ditudalako. (Gaur egun badira orduan mapetan existitzen ez ziren herrialdeak, baina hori beste upeleko sagardoa da). Galduta nagoenean zerrendak egiten ditut. Aukerak alde baten eta arriskuak bestean; irabazteko dudana ezkerrean, eta galduko dudana eskuman. Eta horrela, banan banan, mapa propioa eratzen joaten da, neurea, eta zerrenda osatzeko ariketa bera ibilian jarraitzeko modu argi-egile bihurtzen da. Zerrendaturik dauzkat bizitzan zehar galdu ditudan aukerak, askotarikoak eta ugariak izan direnak. Hor daude, esate baterako, txikitatik bizigarri zitzaizkidan arren, halako baten ahaztu nituen ametsak. Orduko indarra betirako galdu dudala sentitzen dudanean, zerrenda ateratzen dut, bata bestearen atzean idatzita ikusi ditudanean konturatzen naizelako bizitzako hutsen katalogo horretan datzala, gorpu bizi, lortu ditudan arrakasta txikien lehengaia. Ez dakit oso ongi zergatik jokatzen dudan horrela, eskolan erakutsi zidatelako edo bizitzan zehar bidaiatzeko mapa hoberik ez dudalako aurkitu. Kontua da alabek Europa deskubritzeko erabiltzen duten teknika berberaz baliatzen naizela ni nire buruaren barne-bideetan noraezean ez ibiltzeko.
booktegi.eus KEPA LUZARRAGA itotzeari beldurrez lehortu gara Artikuluak Gure bizia hain iheskorra eta hutsala da, gauza bakar batek lasaitzen nauela: benetakoa izan naizela jakiteak. Hau da, ahalik eta nire antzik handiena izatea lortu dudala jakiteak. Frida Kahlo Kobazuloan Sabaitik, ur tanta bat askatu da. Kementsu doa, beherantz, dena aldatu nahian. Talka egin ostean, hil egin da. Bere inguruan, denak berdin jarraitzen du, ezer ez da aldatu. Tantaren saialdia hutsala izan da, estalagmitaz beteriko kobazuloan. Komentuan Itxita gaude komentuan, otzantasun santuan, otoi egitearen hautuan, onartuz jainko faltsuak. Itxita gaude komentuan, otzantasun antzuan, leihotik begiratuz ezkutuan, ihesi doan momentua. Gazteon ajea Gazteak gara, asaldariak, intsumisioaren drogazale. Agian, ajea helduko zaigu, eta agian, gaindituko gaitu. Baina festa ez da bukatuko, beste drogazale batzuk etorriko dira eta. Galduko ote dugu? Ez garela lehenengoak? Auskalo. Ez dakigula nora goazen? Baliteke. Nekatuko garela? Nola ez ba? Azkenak izango garela? Inolaz ere. Galduko garela? Batek daki. Galduko dugula? Irabaztera arte. Etorkizuna iragan Etorkizuna behar dugu, orainaldirik ez dagoelako, iragana saldu genuenetik. Etorkizuna behar dugu, baina batez ere, berak gu behar gaitu. Lasai maitea Lasai maitea, esperantzaz hutsik nago, bai, baina konbikzioz betea. Egingo dugu bidea. Suaren inguruan Suaren inguruan biltzen gara, hotza ahazteko, berotan sartzeko, txingarra itzaltzen den arte. Eta orduan... nor izango da erregaia? Askatasun garestia Egunak aurrera doaz, baina gu geldi gaude. Inoiz ez gara helduko amestutako etorkizunera. Zuek korrika zabiltzate bere atzetik, errealitatea ukapenez biziz. Nik, ordea, etsi dut azkenik. Nekatuta nagoelako talka egiteaz, nahi dudan guztia, hain urruti izateaz, eskubideak ezin erosteaz, nire miseria betirako izateaz. Kristalezko kartzelan bizitzeaz. Irteera bakarra kolpeka egitea, kristala ala nire burua apurtzea... ongizatearen prezioa ordaintzea Aingeru nekatuak Zeruaren bila dabilen aingeruak, infernua ikusten du nonahi. Zeruaren bila dabilen aingeruak, ez du inoiz bizitza maitatuko. Zeruaren bila dabilen aingeruak, deabrutzat dauzka besteak, hegorik gabeko aingeruak... zerua Lurrean aurkitu dutenak. Etorkizuna Etorkizuna ez badator, zer egingo dugu ba? Ibiltzen jarraitu, tipi tapa. Ateo kristauak Hainbeste eta hainbeste zeru sortu ditugu, etorkizunean, utopian, gure irudimenetan. Gure sinesmenek, Munduko edertasuna ukatzera garamatzate, etorkizun hobe baten izenean. Bien bitartean, hementxe gaude, infernuan, guztiz erreta egun handiaren zain. Ateo asko, inor baino kristauagoak garelako. Fedea eta arrazoia —Sinets iezadazu. —Zergatik? —Sinets iezadazula! Jaungoikoaren izenean “Aitaren, semearen, eta espiritu santuaren izenean, hemen”, zioen abadeak, poltsa seinalatzen. Inkisizio modernoa Inkisizio modernoaren garaian, erabaki ezinik nago. Intsumisoa banaiz, lepoa moztuko didazue, baina sumisoa banaiz, nire burua galduko dut. Zalantzarik ez Erantzun infinitudun garai honetan, zalantzarik ez dago. Baina nik ez dakit zein den, egin beharreko galdera. Ur handitan Batzuk, itsasertzean daude, besteak, itsasoaren infinituan. Batzuek, beldurra diote itotzeari, besteek, lehortzeari. Batzuk, ez dira murgiltzen, besteak, ito egingo dira. Nork ote arrazoia? Itsasoak. Itsasoaren gorabeherak Itsasoaren gorabeheren menpe, iparrik gabe, ekaitzez ekaitz. Nekatuta nengoen, eta zu agertu zinen. Itsasoa baretu zen, ipar berria aurkitu nuen zuregan, ekaitzak bukatu ziren. Nire joana gelditu nuen, eta lehenengo aldiz, zentzua hartu nion. Baina ez zuen asko iraun. Itsasoa inoiz baino gogorrago itzuli zen, zu galtzen hasi nintzen, eta ekaitza… geroago ulertu nuen. Baretasuna eskaintzen zenidan. Baita ipar bat ere. Ekaitzetatik babesten ninduzun… niregandik. Ni naiz ekaitza. Eta zu… nire aingura. Maite zaitut Hotza zaren arren, inork baino goxoago hartzen nauzu. Txikia sentiarazten nauzun arren, handiago egiten nauzu. Zoratuta zauden arren, lasaitu egiten nauzu. Inoiz joaten ez zaren arren, sarritan bueltatzen zara. Berba egiten ez duzun arren, entzuten zaitut. Ulertzen ez zaitudan arren... maite zaitut, itsaso. Bizitzaren tragikomedia Bizitzan, gutxi gutxika, aurrera goaz, bere eskuetan dauden titiriteroak bezala. Ez dakigu ze obra antzezten gauden, eta komedia, bat batean, drama bihurtu daiteke. Ez zaitez harritu, beste guztien istorioan, figurante bat besterik ez zara. Utopia, distopia Gazteak ginen, utopikoak, utopia zaharkitu zitzaigun arte. Zaharrak gara, errealistak, errealitateak zahartu gaitu. Begiak zarratu genituen, lokartu ginen, eta gure ametsak saldu genituen. Pragmatismoaren izenean... amesgaiztoan bizirautearen truke. Lantegiko komunean Lantegiko komunean, isiltasun salatzailean, lur jota zaude. Arnasa hartu nahian, kaka kiratsa sentituz, zure etsipen ustelarena. Bertan jarraituko du, ausartzen ez zaren arte, katea eragitera. Gasolinaren negozioa Piromanoek, ez dute haserre sutsua sentitzen, neke hotza baizik. Piromanoek, ez gaituzte gu kiskali nahi, euren burua freskatu gura dute. Piromanoek, ez daukate beren burua deabrutzat, bizitza infernutzat daukaten arren. Piromanoek, suhiltzaileak akabatuko dituzte, sutzen dituztenen ordez. Hauek, bitartean, kearen atzean jarraituko dute, beste guztiak erretzen diren bitartean, beraiek saldutako gasolinarekin. Putreak Putre, pizti, sai, hainbeste etsai, bere hilotzaren zain. Baina bizirik darrai, eta ez dira gai... ezin dute erail. Jaio zenetik Jaio zenetik, ez da hasi, kateak onartu zituen. Jaio zenetik, ez da hazi, zimeldu egin da. Jaio zenetik, ezin dezakezue erail. bere burua hil zuelako. Bizi bizia Zeruan piztia, ekiak jaikia, gaindituz habia. Jaso du zauria, galdu du bizia, lurrean jauzia. Sokatiran Tentsio gehiagorik ez, mesedez, edo gurea apurtuko da. Sokatiran nabil, irabazteko asmorik gabe, samurtasunez eusten. Sokatiran nabil, galtzeko intentziorik gabe, grabitatearen kontra... soka askatu nahian. Amildegiak salbatzen zaitu. Trintxerak Baketsu jarraitu nahi dut, gizartearen trintxeretan. Ez zaituztet mindu nahi, zuek mindu nauzuen bezala. Horregatik nabil, arma barik, erasoen artean geldirik. Oraindik ez dut inor hil, eta jada odolaz nazkatu naiz. Guda hau ahaztu nahi dut, baina ez dizuet nire bizia emango. Borrokatzera kondenatuta nago. Gero eta hobeto Gero eta kolonia garestiagoa. Baina gu, gero eta txiroagoak. Gero eta arropa desberdinagoa. Baina gu, gero eta antzekoagoak. Gero eta kale zabalagoa. Baina gu, gero eta estuagoak. Gero eta herri turistikoagoa. Baina gu, gero eta bakartiagoak. Zertarako? Odisea modernoa Ulisesek, etxeranzko bueltan, sirenei beldurra zien, seduzitzen zutelako, eta bere burua mastara lotu zuen. Etorkinak, etxetik ihesean, sirenei beldurra die, jipoitzen dutelako, eta ontzitik salto egiten du. Ulisesi buruz, epikaz idazten da. Isilduak Ez dut isilduen ahotsa entzunaraziko, euren izenean, nirea altxatuz. Isilduen ahotsa entzunaraziko dut, isiltzen naizenean. Banderak eta jendetzak Bakarrik dabiltza. Sakabanatuta, aldenduta. Bakoitzak bere burua maite du: bere kolorea, bere lema, bere irudia. Denek maite dute beren sinbolismoa. Baina, zeren atzetik dabiltza? Batera gabiltza. Denok bildu gara, bere inguruan. Denok maite dugu gure bandera: bere kolorea, bere lema, bere irudia. Denok maite dugu bere sinbolismoa. Baina, zer sinbolizatzen du? Zer naiz ni? Zer naiz ni? Nire identitatea. Bakarra ote da? Nire gorputza. Ez ote naiz ni berea? Nire pentsamenduak. Arrotzak bazaizkit ere? Nire ideologia. Existitzen ote da? Zer naiz ni? Ezerezaren inguruko harresi bat. Iparra galduta Aspaldi galdu nuen iparra, baita hegoaldea ere, baina hegoak inoiz ez. Haizeak eraman nazala Izar uxoa Zeru zoro honetan izar-uxo bat besterik ez naiz. Motza, hutsala, ahazterraza. Baina norbait argitu dezaket. Nire heroia, nire etsaia Nire heroia izan zen, garai garaienetan. Nire etsaia, gainbeheraren aroan. Orain, nire laguna besterik ez da, sasoirik gabeko egunotan. Ez zaitez errukitu, nire buruaz ari naiz eta. Aukera ezazu bandoa Haserretzen direnak daude, baita zurelako esker onekoak. Altxatzen direnak daude, baita zurelako lasaiak. Borrokatzen dutenak daude, baita galtzen dutenak. Erabakitzen dutenak daude, eta zu, hauen artean. Erabakia, erabakita Guztion garraioa, ala bakartia. Kontsumo lokala, ala espoliazioa. Energia berdea, ala heriotza beltza. Gure buruaren onura, ala gure seme alabena. Jada erabaki dugu. Hizkuntza hizpide Eskubideak merkantzia direnean, errespetua mehatxu denean, egonkortasuna egonezina denean, bakea zapalkuntza denean... Isilik egotea ezinezkoa da, baina, zer esan dezakegu? Hizkuntza bahitu duzuela. Performancea Performancea bukatuta, txaloka daude, irribarrez gainezka. Baina oihalaren atzealdean, iluntasunak irensten zaituenean, ez da ezer entzuten. Puzzlea Puzzlean ahokatu nahian, alboko piezak kaltetu ote ditudan. Puzzlean ahokatu nahian, higaduraz kamustu ote naizen. Puzzlean ahokatu nahian, banakotasuna sakrifikatu ote dudan. Puzzlean ahokatu nahian, pieza soil bat naizela sinetsi ote dudan... Ustel daitezela besteak, puzzlean ahokatu nahian. Merezi izan du? Heriotzak galdetzean, merezi izan duen, gosea pasatzea, idaztearen truke, erantzungo diot irribarre biziz: “Ez naiz idaztetik bizi, idazteko baizik.” Irakurle nekatua Irakurleak ezin zuen gehiago jasan, eta liburua lurrera jaurti zuen. Bere barnean, pertsonaia aspergarri bat, kapitulurik gabeko bizitza hutsalarekin. Zentzurik gabeko istorio horrekin, aurrerantz jarraitzea alferrikakoa zen. Liburua irakurtzeak ez zuen merezi, bere bizia bizitzeak bezala. Irakurleak bere buruaz beste egin zuen. Behingoz istorio bat idatzi du. Itsasertzean Hondartzan dabil, asfaltoaz nekatuta. Onartuz bere patua, beldurrak menperatua, hori da bere bekatua. Itsasertzean dabil, olatuek berpiztua. Freskuraren bila, ez dagoelako hila, barne iskanbila. Baketsuok Baketsuok... Gatazkak gainditu nahi ditugu, hauetan parte hartu gura dugu. Badakigu ez duela deus balio, justizia zapaltzeak, bakearen izenean. Baketsuok... Gatazkak gainditu nahi ditugu, hauetan parte hartu gura dugu. Badakigu ukazioz ihes egitea, parte hartzea ere badela, zapaltzailearen alde. Bala galduak Agian, bala galduak ez daude galduta. Agian, ihes egin dute, ez dutelako inor zauritu nahi. Eta agian, horregatik dauzkagu galdutzat, ez dakigulako bakean bizitzen. Zaldi zoroa Zaldi zoroa, katerik bakoa. Beti mendian, inoiz ez gurdian. Zaldia saldu, zaldia galdu. Zaldia badoa. Zaldi zoroa. Zarata Zaratak, garrasi egiten zuen, bere burua ez entzuteko. Zaratak, soinua izan nahi zuen, isildu ahal izateko. Eskultorea Eskultorea eta artea, kolpez kolpe, bata bestearen atzean. Artea, zelatan dabil, gogor eutsiz, bitartean... ... eskultore egoskorra harrituta esnatu arte, bat batean. Erro zaharra Aspaldi hasi zuten, egun jarraitzen du. Beragatik hil ziren, berari esker bizi gara. Iraganaldiaren anekdota, orainaldiaren zutabe. Haien irri berria, gure erro zaharra. Atzo igorri zuten, gaur berotzen gaitu. Kultura, eguzki izpia da. Bizitzaren esanahia Bizitzaren esanahia? Esan nahia. Hezkuntzaz Ikasi beharrekoa ikasita, azken kapitulura helduta, itxi du liburua, gainditu du azterketa, oztopoa, hezkuntza. Hautsez beteko da. Ezina “Ezina, ekinez egina”, ekintzaileen lema, leloen leloa. Helmugatik ihesean Beti aurrerantz jarraitu beharko dut, ezezagunerantz. Ikasiz ahazteko, galduz aurkitzeko, nire pasioa. Noizbait esango dut, nahikoa izan dela, onartu beharko dut, iparra hegoan, txoriak hegan, eta ni, bidean, helmugatik ihesean. Ziztadaz ziztada Ziztadaz ziztada bizi izan naiz. Ziztadaz ziztada ezagutu zaituztet. Ziztadaz ziztada apurtu nauzue. Ziztadaz ziztada hazi izan naiz. Zuetako bakoitza orratz bat delako... Eta ni, oihala. Telefonoaren hotsa Telefonoaren hotsa, eta erantzun motza, zure ahotsa. Telefonoaren hotsa, ziztada zorrotza, berri mingotsa. Telefonoaren hotsa, eta isiltasun hotza. Gelditu da bere bihotza. Zortea Poeta izatea, hori zortea, tristurak salduz, aberastea. Senarraren hiletan Senarraren hiletan, alargunaren tristura: Hil zaiolako, negarka; hil delako, zeharka. Senarraren hiletan, alargunaren tristura. Bizitzaren zikloa Hainbestetan egon gara, momentu horietaz hitz egiten. Sarritan egon nahiko nuke, iragandako momentu ederretan. Askotan bizi nahi izan dut, berriro bizi ezingo dudana. Baina iragana ez dugu iragaten, iragan dela onartzen ez dugun arte. Eta bizitakoa, hilda dago. Hil beharra dauka, zerbait berria sortu ahal izateko. Aterki saltzailea Aterki saltzailearen lez nabil, kalean, azkena saldu ote, egun euritsu batean. Gure iraultza Maindireen barruan, gure iraultzan, mundua sutan jarriz, edo gutxienez, elkar berotuz. Usoak Hegan dabiltza usoak, beroa, hain uxoa, bukatzean, badoaz. Basamortuan Ur arrastoen atzetik, egarriz nabil basamortuan, arnasestuan. Adiskide bakarrak, harearen fereka latzak... nire oinatzak. Zure zain —Aizu, noiz helduko ote zara? —Banoa, banoa, itxaron nazazu. Erantzun zidan, esperantzak. Bakardadean bakarrik Niregana etorri zinen, bakarrik al nengoen galdetzera. Niregana etorri zinen, eta orain ez nago bakarrik. Niregana etorri zinen, eta neukan bakarra lapurtu zenidan. Niregana etorri zinen, joan zaitez pikutara. Samina Gure istorio zoroa, jada bukatuta dago, eta nik ez daukat gogorik, gezurretan jarraitzeko. Nirea izan zinen, itsutu ninduzun. Begiak ireki ditut, eta inon ez zaude zu. Sortzen zenuen kea, itzali denean, argi ikusi dut, surik ez zela. Zu ez zinela, eta... nor bestela? Maitemina, sexu grina. Zu, zu eta zu Zure izaera jostalaria. Zure irribarre nekaezina. Zure alaitasun oparoa. Zure naturaltasun orijinala. Zure begirada neurrigabea. Zure sakontasun koloretsua. Zu, zu eta zu. Estimulu larregi. Eta ni, babesgabe, ispiluaren aurrean. Zu eta ni Zure mezuak, nire aspirina. Zure irribarrea, nire barrea. Zure baietza, nire noskia. Zure etxea, edo nire etxea. Zure beroa, nire infernua. Zure bekatua, nire erredentzioa. Zure bizioa, nire bizia. Zure aluartea, nire baluartea. Hiztegia Hiztegia, liburu okerrena, “zu”, bigarren pertsona zarela dio eta. Zure usaina Zure usainak piztu du nire barneko sua. Dastatu behar dut, zure zaporea, hementxe behar zaitut, nire eskuen artean, bokata batean. Gure itsasertzak Itsasgorak, oparotasunak, urrundu gaitu, gure itsasertzak ito ditu. Itsasbeherak, pobreziak, bat egin gaitu, bion arteko ozeanoa lehortu egin du. Eztia Momentu hori helduko zaizu, maitale bi eztian ikustean. Ez duzu desiratuko neska edo mutil hori, zurea baizik. Eta orduan, jakingo duzu. Maitasun posesiboaren pe zaude. Laurogeigarren aldiz Zure azken ferekak eta lehen negarrak, arnas gabe utzi nautenean, inspirazioa... nire hamaikagarren ideia, laurogeigarren poema. Maitasunaz Maitasuna airean dabil txoriak bezala, eta bere atzetik, ornitologo eta ehiztariak. Ametsa Galtzen zintudala amestu nuenetik, loak ihes egin zidan. Zuk, ordea, nire alboan jarraitu zenuen, ohean, gau luzeotan. Nire amesgaiztoa hil zenetik, gure ametsak bizirik darrai. Galtzontzilo zaharrak Atea ireki diozu, galtzontzilo zaharrak jantzita, onar ditzan, zaitzan. Lortu ote duzun? Auskalo, sartu bezain pronto erantzi dizkizu. Zuoi, eskerrik asko Zuek gabe, ez nengoke ez hila, ez kartzelan, ez elizan. Baina zuekin, gehien maite dudana izan naiteke... ni neu.